id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-bb9d090c5ddb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/gezi-zuria.html | Gezi zuria | Jose Inazio Basterretxea | 2015-02-01 | Gezi zuria
Lankideak hil dizkidate sarri. Beste askoren artean, lau aipatzearren, gogoan dauzkat Urkiaga 1937an, Galindez 1956an, Portell 1978an, eta Galdeano 1985ean.
2015a ez da baketsu esnatu gremiokoentzat, hor da Parisko atentatua Charlie Hebdo aldizkariaren aurka. Ofizio arriskutsua omen da ikertzailearena, kontalariarena, berriemailearena; baina, arriskutsua, benetan arriskutsua, jendea da. Letrak ez du hiltzen.
Esatea, arazo
Buruan darabilzuna esatearen aurkako erasoa izan da Pariskoa, esateko ausardiaren aurkakoa. Pentsamendu eta bizimolde monolitikoak ez du inor desberdinik ez ikusi ezta entzun ere nahi; noranzko bakarreko trafiko-seinalea du atsegin: gezi zuria zirkulu urdinean.
Erlauntza tirokatu dute, eztia barik erlea bilatzen zutela. Parisen, jende adimentsua hil dute: iritzi bestelako, propio eta kritikoa zuena; beste zahagi bateko ardoa da iritzi berezi hori, eta hura islatzeko modua gustatzea ala ez. Jihadistek ekarri dute sega; baina, faxistak izan zitezkeen, edo estalinistak, edo mafiosoak.
Marrazki bat, hitz bat, eduki kultural bat kaleratzea baldin eta heriotzarekin zigortzeko modukoa bada halakoentzat, dena, den-dena, da zigorgarri. Eta jazarri, ideia baino, jendea jazartzen du gezi zuriak.
Isiltzea, heriotza
Shock-adiuntza hauetan, bakearen eta segurtasunaren aitzakian, estatu poliziala indartu da berriz ere gure inguruan; eta, berdin zaie kontrolatzaileei herritarraren azalaren kolorea, ezpainen tamaina edo ilearen tintura... kontrola da Jainko.
Lapikoa frogatzeko nola, bakea eta askatasuna orain jarri behar dira surtan: islamofobia saihesteko bezala askatasun demokratikoak babesteko, moro bat ikusi eta ihesari emateko tentazioa baztertzeko bezala poliziaren gehiegikeriak larrutzeko.
Zerbait izatekotan, bakea eta askatasuna dira gizabanakoak aurrez diseinatutako akzio ebatzi eta determinatuak, pertsonen arteko harremanak eta bizikidetza kudeatzeko. Kultura-aniztasunaren eta sendotasun demokratikoaren joko-zelaian egiaztatu behar dira berba horiek. Eta, frogantza-lan horietan, kontraesanak lehertuko dira, jakina.
Baina, norbanako eta komunitate gisa hiltzea da gezi zuriak gidatutako pentsamendu eta bizimolde monolitikoen aurrean isiltzea. | news |
argia-a537f256211c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/indarkeriaren-aurkako-erantzuna.html | Indarkeriaren aurkako erantzuna | Garbi�e Biurrun | 2015-02-01 | Indarkeriaren aurkako erantzuna
Charlie Hebdo astekariaren aurkako atentatuaren ostean eta ondorengo gertaeren aurrean ezinbestekoa da hausnarketa lasaia eta arrazoizkoa egitea. Atentatua giza eskubideen aurkako eraso benetan larria izan da: bizitza eskubidea, adierazpen eta prentsa askatasuna apurtu nahi izan ditu. Horrelako eskubideen urraketek eta eragindako sufrimenak merezi duten lehen erantzuna, noski, biktima horiekiko elkartasuna adieraztea da eta urraketa horiek gaitzestea.
Baina gertaera horiek kolokan jarri dute baita ere Europako askatasunen eta eskubideen sistema, hau da, baloreen sistema. Argi dago demokraziaren oinarrian askatasunak daudela eta hauek zalantzan jartzen direnean demokrazia bera dagoela arriskuan.
Horrelako erasoek agerian uzten dituzte askatasunak murrizteko joera eta tentazio instituzionalak, segurtasuna indartzeko aitzakiaz. Horrela, ikusten ari gara egunero Europan eta Amerikako Estatu Batuetan, batez ere, proposamen eta ideia benetan bitxiak eta kezkagarriak egiten direnean –bidaiarien erregistroa, watsapp bertan behera uztea, erregimen berezia segurtasun nazionala babesteko...–. Hori guztia barne ministroen gailurretan, dena segurtasun arazoa delakoan, justiziak ezer esan beharko ez bailuen gure askatasunak eta eskubideak bermatzeko. Azken finean, berriro ere terrorismoaren helburuekin bat egiten da –edo saiatzen da– gure gizartea eta gure baloreen sistema aldatu nahi direnean. Horretaz, hemen badakigu zerbait eta argi dago nola erabiltzen diren gertaera horiek sistema politikoa eraldatzeko.
Hori guztia oso kezkagarria izanik ere, ez da atentatuaren ondorio bakarra izango. Europan zabaltzen ari diren eskuin muturreko mugimenduek "islamofobia" hedatu nahi dute, alde batetik, fanatismo intolerantea eta Islama nahastuz, eta bestetik, kultura aniztasuna arbuiatuz eta etorkinekiko politika publikoak gogortuz, eta horiek beharrezkoak diren guztiz kontrako estrategiak dira, hain zuzen ere.
Gizarte demokratikoek eta Zuzenbideko estatuek gogoratu behar dute gure askatasunak eta eskubideak borroka eta iraultza askoren lorpen ukaezinak direla, eta ezin dela onartu inolako atzera pausorik sistema honetan. Alderantziz, honelako une larrietan sendotu eta areagotu behar dira gure gizartearen oinarriak, oraindik lortzen ari garenak: arrazoia, demokrazia eta pertsona guztien partehartzea, zuzenbidea eta eskubide eta askatasunak.
Horixe bera, eta besterik ez, aldarrikatzen ari da Euskal Herriarentzat. Ez dago ukatzerik hemen ere sekulako giza eskubideen urraketak gertatu direla. Eta, zoritxarrez, onartu behar dugu eraso horiei emandako erantzuna ez dela beti zuzena eta arrazoizkoa izan. Hemen ere, lehen aipatutako tentazioetan erori da estatua eta indarkeria krudelari demokraziaz eta zuzenbideaz beti erantzun beharrean, batzuetan giza eskubideak zapalduz erantzun da: horrela gertatu da legedi berezia onartu denean, torturatu denean, legea maltzurki interpretatu denean, presoen eskubideak murriztuz edota justiziarengan presioa egin denean horrelakoak lortzeko.
Nire ustetan, ETAren indarkeriak sufrimendua eragin du, besterik ez. Baina, fanatismoak bilatu nahi izan badu gizartea eta estatua ezegonkortzea, arlo horretan zerbait lortu du: estatuaren ahuleziak eta beldurrak agerian uztea eta, neurri batean ere, bere deslegitimazioa indarkeriaren aurka erantzuterakoan. | news |
argia-14bb86e3af12 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/coworking.html | Espazioa partekatu ideiak elkarlanean garatzeko | Iure Eizagirre | 2015-02-01 | Espazioa partekatu ideiak elkarlanean garatzeko
Hamar mahaiko gela, pertsona bat mahai bakoitzean Interneterako sarbidea duen ordenagailuarekin lanean, ondoan telefonoa. Ez litzateke arraroa baldin eta bertan diharduen bakoitza enpresari txiki, ekintzaile edo langile independentea izango ez balitz, espazioa partekatzen. Coworking du izena lan eredu honek, eta espazioa partekatzetik harago doa.
AEBetako San Frantziskon du jatorria coworking ak, han jarri zuten-eta mota honetako lehen espazioa 2009an. Mundu osora hedatu da ordutik eta gurean ere egin du lekua azken urteetan. Horren erakusle Coworking Spain elkarteak 2013an egindako inkesta batean Iruñea sartu izana coworking asko zituzten hirien artean.
Optimus Coworking-ak, adibidez, urte horretan ireki zituen ateak, baina urtebeteren buruan txiki geratu zen eta lekuz aldatzearekin batera jauzi kualitatiboa egin zuen iaz. Egun Iruñeko erdigunean dago eta Fab Lab Coworking du izena. Jose Ignacio Cenozek bertan egiten du lan, berak sortutako Crealider enpresan. 2010ean eratu zuen enpresa eta coworking era heldu arte etxetik aritzen zen: "Lan giroa falta nuen, ni bezala bere enpresa eta marka aurrera ateratzeko borrokan ziharduen jendea. Coworking ean zure bide berean doan jendea duzu, sinergiak topatzen dituzu, elkarlana, kontaktuak partekatzea, bezeroak, erreferentziak eta informazio praktikoa". Bere arazo eta poz berdinak izango dituen jendea inguruan izatea asko baloratzen du.
"Hemen egiten dudan lana etxean ere egin nezakeen, baina giroak bereganatu egiten zaitu. Albokoa haserretzen denean kontatu egiten du eta arrakasta duenean ere bai. Zuk ere izan nahi duzu kontatzeko zerbait ona", dio Agustin Cabanillasek, Zarauzko Don Poliza enpresaren arduradunak. Kontzentrazioa lortzeaz gain, alde ekonomikoa azpimarratzen du, izan ere, herrian bulego bat alokatu beharko balu askoz gehiago ordaindu beharko luke. "Ekintzaile izan nahi baduzu, hasieran ezin duzu gastu askorik izan, jendeak ezagutu, zure proiektuak aurrera egingo duela ikusi eta martxan jarri arte bi urte pasa daitezke eta ezin duzu hilero 1.800 euroko gastua egin". Aitortzen du garestia izan balitz ez litzatekeela coworking eko lan giroan murgilduko, baina aurten bi urte egingo ditu Zarauzko Bulegoak-en eta hilean 90 euro inguru ordaintzen ditu.
Elkarlanerako guneak
Leku irekiak dira coworking ak, bai itxuran bai harremanetan, eta gutxien espero denean sor daitezke norbera garatzen ari den lanaren inguruko elkarrizketak. Horren lekuko izan gara Fab Lab Coworking-en, Cenozekin hitzordua egin eta hogei minuturen bueltan, garatzen ari diren proiektuen berri emateko espazioko beste bi kide elkarrizketara batu zaizkigunean. Pentsa liteke, beraz, euren artean ere naturaltasun berarekin sortzen direla harremanak, baita sinergiak ere.
"Espaziokoak elkarrekin lehian ez aritzen saiatzen gara. Enpresa batek izan dezakeen beharra coworking eko beste profesional batek ase dezake", azaldu du Cenozek. Eta kidea da harreman hori bideratzen duena: "Ni ez naiz aditua kontabilitatean eta bezero batek esaten badit arlo horretaz arduratzeko norbait behar duela, hona etorri eta hemen gai horiek kudeatzen dizkigun pertsona aurkeztuko diodala esaten diot. Egunero berarekin egiten dut lan eta badakit zertan dabilen, konfiantza dut beragan".
Luis Arrieta Fab Lab Coworking-eko kudeatzaile eta erabiltzailea harago doa sinergiaz jardutean: "Lana ulertzeko modua aldatu eta bezero batek lan-kate bat sor dezan ahalegintzen gara. Adibidez, nik optika batentzat proiektu bat garatzen badut, obraren zuzendaritza Coworkingeko aparejadoreak egin dezala, eta bezeroa gurera ekarri dugunez, Cenozek sare sozialen kudeaketa azter diezaiola eta beste kide bat kontabilitateaz arduratu dadila. Batzuetan lortzen dugu eta bestetan ez".
Zenbaitetan espazio berean lanean ari direnen artean sortzen dira proiektu berriak. Norbaitek ideia bat badu, ondokoak hori osatzeko falta dena eman dezakeela azaldu du Cenozek: "Abiapuntu horretatik orain garatzen ari diren negozio berriak sortu dira hemen. Eta negozio orokorragoen ideiak daude, guztion artean enpresa edo negozio ildo berri bat sortu ahal izateko".
Kanpora begira
Elkarrekin erlazionatu eta sareak zabaltzeko hainbat ekintza antolatzen dituzte ereduotan, hala nola, gosariak eta euren proiektuen aurkezpenak. Kanpora begirakoak ere lantzen dituzte eta bertako kideen kontaktuez baliatzen dira horretarako. Ekintza horiek egitasmo berrien sorburu izan daitezke, Fab Lab Coworkingen eratzera doazen ingeleseko elkarrizketa taldeak kasu: "Ingeleseko akademia duen Cenozen kontaktu batek proposatu zigun iaz eta berak ezin izan zuen aurrera eraman taldea, baina orain beste batekin egingo dugu". Irakasleak ingeleseko akademiako elkarrizketa taldeak Coworkingera eramango ditu eta trukean espazioko kideek elkarrizketa talde bat osatuko dute. Gauza bera egingo dute Nafarroako Ingeniería Sin Fronteras GKEaren kontsumo taldearekin ere. Lokalik gabe geratu dira eta kontsumo taldea Coworkingetik antolatzeko proposatu diete, batetik kontsumo jasangarriagoa ezartzeko eta bestetik espazioko erabiltzaileek otarrak zuzenean jasotzeko aukera izan dezaten. "Horrelako proiektuek balio erantsia ematen diote espazioari", uste du Arrietak.
Hala ere, hitzaldiak izaten dira coworking ak ezagutzera emateko ekitaldi ohikoenak. Iruñeko gunean, esaterako, Esteban Morras Nafarroako Energia Hidroelektrikoa korporazioko –egungo Acciona-Energia– sortzailea izan dute duela egun gutxi enpresa nafarraren sorreraz, ekintzailetzaz eta energia berriztagarrien beharraz hitz egiten. Hitzaldiak irekiak izaten dira eta Morrasek jende ugari bildu zuen.
Ekitaldi ireki horietako bati esker ezagutu zuen Amaia Aragonesek Bilbao Eutokia coworking a: "Ikastaro bat egin nuen eta nire kabuz lanean hasi behar nuenean planteamenduak konbentzitu egin ninduen, sorkuntzara bultzatzen duelako eta giro ona dagoelako".
Denbora gutxi eman du Movimiento Es Salud enpresa Boluetako espaziotik zuzentzen, 2013an sortu bazuen ere, irailean hartutako amatasun baja tarteko lanera itzuli berria delako. Sinergiez galdetuta, adierazi du oinarrizkoenean topatu duela, enpresa eratzeko administrazio kontuetan, baina zenbait zailtasun ere ezagutu ditu: "Honelako lekuetan sinergiak bilatzen dituzu, baina teknologia arloan aritzen ez bazara, bizi garen garaiotan, zaila da". Heldu berritan hitzaldi eta mintegietara joateko aholkatu zioten, jendea ezagutzen zelako, baina "berrikuntzaren munduaz hizketan hasi eta zertaz ari ziren banekiela ziurtzat ematen zuten". Berria izaki, lotsa ematen zion ez zuela ulertzen esateak, bera bezala osasun arloan aritzen den beste ekintzaile batek egoera berean zegoela adierazi zuen arte. Harrezkero, lotsa galdu du eta azken urtean asko ikasi duela aitortu digu.
Bere aurtengo egitasmoen artean dago ekintzak antolatu eta hasieratik ezagutzen dituen Bilbao Eutokiako bilera gela horiek enpresen aurrean ezagutzera emateko erabiltzea.
Zertan aritzen dira?
Amaia Aragonesen pertzepzioa egiazkoa da: coworking a, edo hobe esanda lan eredu honetan ari diren langileak teknologiaren munduarekin lotuta daude sarri. Cenozek dioenez, "halako lekuetan gabiltzanok ohituta gaude teknologiarekin lan egitera, Smartphone -a bezalako gailu sinpleetatik hasi eta errealitate areagoturaino". Berak ere teknologia berriei lotuta egiten du lan, Crealider enpresentzako sare sozialak kudeatzeaz eta online komunikazioaz arduratzen baita.
Bilboko coworking en nondik norakoak jasotzen dituen Coworkalari dokumentalean Paula Garaialde Bilbao Koworking-eko kudeatzaileak esana da sektore sortzaileenak tribuan bizi daitezkeela eta beste sektore batzuek leku aberatsagoetan behar dutela eurentzako espazioa. "Hori da konpondu beharko genukeen desberdintasunetako bat. Zergatik ez dugu hemen banketxeen mundutik etorri den eta zerbait egiteko enpresa txiki bat sortu duen inor? Edo abokaturik?", galdetzen du. Egon, badaude, abokatuak bai bederen, baina ez agian diseinatzaile, programatzaile, arkitekto, argazkilari edo kazetarien proportzio berean.
Cabanillas aseguruetan dabil eta hau ere ez da ohiko sektorea coworking etan. 25 urteko esperientzia du aseguru-artekaritzan, baina Don Polizaren bitartez zerbitzu berria eskaintzen du: bezeroak aseguruen adar teknikoetan espezializatutako aseguru-artekaritzara bideratzeko interneteko plataforma. "Adibidez, badago karabanak eta autokarabanak aseguratzen espezializatu den aseguru-artekaritza bat. Akordio batera heldu da aseguru-etxe batekin produktu horiek aseguratzeko, denbora jakin batean ibilgailu kopuru jakin bat bideratuko dizkiola agintzen dio eta trukean prezio merkeagoa lortzen dute aseguruetan. Nik, espezializatutako aseguru-artekaritza horrekin elkarlan akordio bat lortu eta nigana karabana edo autokarabana aseguratzera etortzen direnak haiengana bideratzen ditut. Badakit eurek dutela preziorik onena eta ez dut denborarik galtzen nora bideratu pentsatzen". Negozioa martxan jarri eta urte eta erdira Hegoamerikarako jauzia egin du, sareak ematen dizkion aukerak aprobetxatuta.
Coworking a norberaren beharretara egokitu behar da eta Aragonesek, esaterako, bere osasun enpresaren bulegotzat erabiltzen du espazioa: "Bezeroekin hitz egiteko edo elkarrizketetarako lekua eskaintzen dit". Enpresetan osasun programak txertatzea du xede, "oso garrantzitsua delako ariketa fisikoa eta ohitura onak egunerokoan sartzea, langileek bizi-kalitate hobea izan dezaten eta ondorioz errendimendua ere hobea izan dadin".
Zerbitzuak
Aragonesek lana burutzeko nahikoak ditu Bilbao Eutokiak bere gune irekian eskaintzen dizkion bulegoko ohiko zerbitzuak: mahaia, Interneterako sarbidea, telefonoa, behar diren izapideak egiteko postakutxa, bilera gela erabiltzeko aukera… Gainera, aholkularitza juridiko eta ekonomikoa dute, eta bertako koordinatzaileak beste espazioetakoekin harremana bideratzen du zalantzak argitzeko. Coworking bakoitzak, ordea, bestelako zerbitzuak izan ditzake bere ezaugarrien edo espezializazioaren arabera, telebista platoak edo 3D inprimagailuak, adibidez.
Erabiliko den ordu kopurura egokitutako tarifak eskaintzen dituzte: lan jardun osokoak edo jardun erdikoak. Hilean 90 eta 250 euro artean kosta daiteke gutxi gorabehera. Aukerak zabaltzen ari dira eta ondorioz, egun edo ordu batzuetarako lekua har daiteke, baita bilera gelak alokatu ere.
Prezioak eta proiektuak modu ezberdinean garatzeko aukerak erakartzen ditu coworking etako kide asko, zenbaitek egitasmoak amaitzearekin batera uzten dute espazioa eta beste batzuek negozioa hazitakoan. Aragonesek asmo hori du: "Epe luzera neure lokala eduki nahi dut eta kirol kudeaketaren eta osasun programen administrazioa eraman. Zentroan pilates, muskulu-heziketa eta yoga eskaini nahiko nituzke. Eta oso handia balitz, dantzako profesionalak hezteko gune txiki bat izan nahiko nuke".
Cenozek izan du bere negozioa hedatu eta kolaboratzaileren bat kontratatzeko aukera, baina coworking etik alde egitea baino, lan taldea Fab Lab Coworkingen sartzea pentsatu zuen: "Mota honetako guneek kolaboratzaile bat, bi edo hirurekin bertan sartzeko malgutasuna eskaintzen dute".
Cabanillasek harago begiratu eta etorkizuna halako guneetan eraikiko dela uste du: "Akatsa da horrelako leku batetik alde egitea, baita dirua edukita ere. Enpresak berriro martxan hasten direnean, dena aldatuta egongo da, lehengo lan egiteko modua amaitu da. Jendea nekatuta dago zain egoteaz eta bere kabuz ekiten dio". Herri bateko coworking ean dago bera, eta bi pertsonek soilik osatzen dute espazioa, baina negozio zentro batean egonda, gainerako bulegoetako jendearekin coworking ekoaren antzeko harremana sortzen dela azaldu du. "Inoiz ez nukeen pentsatuko Zarautzen horrelako aukerarik izango nuenik, baina aurkitu nuenean niretzako egina zegoela pentsatu nuen. Nik beti esaten dut herrian dagoen gauzarik newyorktarrena dela hau". | news |
argia-a5181bb69e65 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/davosek-makillajea-jarri-dio-kapitalismoari.html | Davosek makillajea jarri dio kapitalismoari | Juan Mari Arregi | 2015-02-01 | Davosek makillajea jarri dio kapitalismoari
Suitzako Davos herri txikia munduko kapitalismoaren elite ekonomiko, politiko eta mediatikoak egindako gailurraren eszenatoki izan zen joan den astean. Bilera horretara 2.000 lagun joan ziren, horien artean 40 herrialdetako estatuburuak eta multinazional eta enpresa handietako 1.500 goi kargu. Helburua munduko egoera globala aztertzea izan da eta horretarako hainbat txosten aztertu dituzte, tartean Oxfam erakundeak egindakoa. Honen arabera, biztanleriaren %1 aberatsenak gainerakoek baino aberastasun gehiago pilatu dezake 2016an. Munduan, bederatzi pertsonatik batek ez du nahikoa elikagai, eta 1.000 milioi lagun egunean 1,25 dolar baino gutxiagorekin bizi da. Lanaren Nazioarteko Erakundeak iragarri duenez, munduan enplegua kaskartu egingo da datozen bost urteetan. Krisia hasi zenetik 61 milioi lanpostu galdu dira eta 2019rako beharrezkoa izango da 280 milioi lanpostu sortzea zanga hori estaltzeko. Baina ez dirudi hala izango denik, ihes fiskala handitzen ari baita, batez ere multinazionalen eta enpresa handien artean.
Zein da Davosek eman duen erantzuna? Beti eman izan duena, ezin bestela izan. Horrela uler liteke zergatik urtetik urtera desberdintasuna, pobrezia eta langabezia handitu egiten diren. Davosen errezeta erabat kapitalista da, itxuraz hain krudela ez dirudien arren. Euren kapitalismoa makillatu nahian dabiltza, behartsuen bizkar etekinak jasotzen segitzeko. Davosetik ateratako argazkia esanguratsua da: bankariek eta enpresariek euren politikak inposatzen dituzte; gobernuek politika horiek ezarri; eta fronte mediatikoak bideratu, justifikatu eta manipulatu egiten ditu iritzi publikoaren aurrean.
Egoera globalari konponbidea aurkitzeko tresna baino, Davos kontaktuak egiteko bilkura da, enpresa handiek segi dezaten negozioak egiten. Farmazia industria, bankariak, aseguru etxeak... horiek dira onura gehien dituzten sektoreak. Kapitalismo horren aurrean, ustezko alternatiba komunista tradizionalak –Errusiakoak eta Txinakoak– ez du ezertarako balio. Ea arduraz jokatuz sistema justu eta alternatiboa sortzeko gai garen. | news |
argia-7a96854d1e8c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/abisua-i.html | Abisua I | Nerea Ibarzabal | 2017-09-17 | Abisua I
Bale, lehenengo ile urdina atera zait. Tontakeria bat dirudi, baina, ez dakit, iruditu zait karga sinboliko horretatik atera daitekeela probetxuzko zerbait; gogorarazi dit, adibidez, nire gorputza onartzen –maitatzen ez beti– 23 urte pasatu eta gero, hemendik aurrera etorriko diren aldaketa fisiko guztiak ere onartzen ikasi beharko dudala. Tira, baina hori oinarrizkoa da. Uste dut ile honek nire buru barrua zeharkatuko duten bi sustrai sakon dituela batez ere: batetik, izan daiteke antsietatea –heldutasun fisikoari dagokion heldutasun intelektuala oraindik lortu ez dudalako–, baina bestetik lasaitasuna –nire heldutasun intelektuala ez dutelako zalantzan jarriko hasiera batean, ile horri esker–.
Izan ere, "gutxiespen naturala" izendatu dudan teoriak –ile urdinak emandako lizentziaz– kaltetutako asko gara gure belaunaldian. Hautespen natural usaina darion jende jakintsuaren esferari begira denbora asko igarotzen dugunongan ohiko gaitza da, eta gure iritziak, diskurtsoa eta sormen gaitasuna etengabe gutxiestera garamatza, ia naturalki. Artikulu potoloak irakurtzen ditugu, elkarrizketa sakonak, bertso sublimeak, gai garrantzitsuak ulertzeko dokumentazio lana egiten dugu, baina norberak iritzi bat plazaratu behar duen unean, izan plazan, tabernan edo Twitterren, ez dugu zilegitasunik sentitzen ur handitan sartzeko. Poesia mordo bat sartu eta iskin egiten diegu gaiei, besteena entzutera mugatuz. Baina orain ile urdin bat dut, onerako eta txarrerako.
Eta horregatik ausartuko naiz galderak egitera. Nola funtzionatzen du pertsona heldu eta errespetagarri bilakatzearen kontu horrek? Ez, benetan. Nola egiten duzue beti hain serio aritzeko, hain hiperkritiko eta batzuetan hain –barkatu–beldurgarriki erretxin? Zenbat Durangoko Azoka behar dira, zenbat jarraitzaile, zenbat nobela, zenbat nobelaren aurkako manifestu, zenbat proiektu kulturalen gidaritza, kafe eta galleta, Amorante-ren kontzertu? Zenbat harri giltzurrunean, zenbat ume, zenbat ile urdin edo eroritako ile, pentsatzen duzun hori bota eta inoren iritziaren beldur ez izateko? Belaunaldi-kide asko galdu ditut bidean, zuei, jakintsuoi, imitatzen hasi eta alde guztietatik egurtu dituztenak hitz potoloegiak erabiltzearren. Beraz, adin bat egon behar da, zerbaiten kopuru zenbagarri bat. Edo agian zuen iritziaren heldutasunaren inguruan izan ditzakezuen zalantzak ezkutatzean dago gakoa.
Hau abisu bat baino ez da, zuen gainbegiratuen erruz Manuel Bartualen estiloko istorio bat idaztera ere ausartuko ez ginatekeenon partez. "Gutxiespen naturalak" idatzitako dena atoan ezabatzeko eskatzen didan arren, ile urdina den berme bakarrari behatzekin eutsita esan nahi dizuet XX. mendeko azkeneko uztak ere badakiela zerbait, asko zuei esker, baina ez dena. Gu ere zahartzen ari gara, eta laster berdin izango digu denak. Beldurtu zaitezte. | news |
argia-84d557a0e288 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/eskemak-dotoreziaz-apurtzen.html | Eskemak dotoreziaz apurtzen | Iker Barandiaran | 2017-09-17 | Eskemak dotoreziaz apurtzen
SCB 2011 inguruan sortu zen Gasteizen, luzaroan Obligaciones taldea gidatu zuen Pela-ren ekimenez. Inguruan batu ditu Obligacioneseko gitarra jotzaile Anti, bluesean luzaroan aritutako Penike baxu jotzailea, Joseba B. Lenoir gitarra jotzaile handia eta David bateria jotzaile eskarmentuduna. Ordura arteko punk-rock eta rock-and-roll izerditsutik harago jo nahi zuten. Kantuak idazten hastearekin bat, Gasteiz dirt capital bilduman parte hartu eta entzuleoi pilulak eskaintzeko hautua hartu zuten single eran: Angelines, Golden... Taldekideak saltsa askotan daude (Marky Ramone, Willis Drummond, Tobaco Road…) eta taldea isilik izan da.
SCBren marka da bizitzaren gordintasunaren esentzia idazkera poetiko zein errealistez jantzita idaztea; eta oraingoan inoizko kantu politikoenak batu dituzte nazioarte globalizatuko miseria eta bidegabekeriei erreferentzia eginez. Kide gehienak rock izerditsutik datoz eta hori ezin da geneetatik ezabatu; gainera, harro dira gaztaroko –bertako– punkaz, baina horiei koordenada desberdinetako erritmo eta melodiak gehituta, emaitza ezohikoa da, aberatsa.
Solo tú singlea izateko jaio da: elegantea, itsaskorra, sugerentea, rock argentinarra gogora dakarrena. Pastillas de jabón envueltas en toallas jostariagoa da, erritmoak apurtu eta jazzera hurbilduz. Fuego Martha & The Vandellas-en berrirakurketa da, eta hondartzak, neska koroak eta glam-rocka ekarri dizkit gogora. Quiero un rehén -ek ere asko du erritmoak apurtzetik. Nadie te ayudará balada punk-rockeroa da, gazi-gozoa. Moscas en la carnicería -k bere egiten du Eskorbutok egin nahi lukeen opera-rock-aren esentzia. Beirut city boogie itzela da: punk-rock-and-rollaren urgentzia eta Eskorbutoren espiritua dauzka, Ilegales taldeak hastapenean idatzi nahiko lukeen tankeran. Insomnio kantak Nick Cavekin amets gaiztoak izatera eraman gaitu. La guerra 60ko hamarkadatik edaten duen power-pop garageroa da. Esperándola y deseando que no venga rhythm&blues jostaria. Eta, azkenik, Obedece -k hainbeste zor diogun Australiako rockari gorazarre egiten dio. | news |
argia-06c01fe84b0c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/bide-zuzenaren-hartxintxarrak.html | Bide zuzenaren hartxintxarrak | Amaia Alvarez Uria | 2017-09-17 | Bide zuzenaren hartxintxarrak
Azken bi urteotan testu feministak euskarara ekartzeko lana areagotu egin da, horren adibide da Susa argitaletxeak martxan jarritako Lisipe saila. Oraingoan, bilduma honetako 3. argitalpena izango dugu mintzagai: Monique Wittigen Pentsamendu heterozuzena.
1980an argitaratu ziren lehen aldiz liburu honetan bildutako testuak, eta 1992an heldu ziren ingelesezko eta gaztelaniazko itzulpenak. La pensée straight, The straight mind eta El pensamiento heterosexual bihurtu zen orduan, eta euskaraz Pentsamendu heterozuzena itzuli dute. Eskertzekoa da "heterosexual" hitza "heterozuzen" bihurtu izana, hala gure jendartearen "erregimen soziopolitikoak" edo "ordena sinbolikoak" markatutako bide zuzena zein den esplizitatu egiten delako zapalkuntzaren kontzientzia esnatzeko xedearekin: "Borroka hasi arte ez da ageriko egiten oposizioen errealitate gordina eta diferentzien izaera politikoa".
Horretarako, ekintzaren oinarri izango den pentsamenduari ematen zaio bide orriotan hurrengoei erantzunez: Zer da emakumea izatea? Zer dira sexua eta generoa? Zer dago kontratu sozialaren atzean? Zein da gizateriaren parte eta zein ez? Erroetara joz, ideologiaren eta hizkuntzaren oinarrietara jotzen zuelako egileak errealitatea ulertu nahian, lesbianak emakumeak ez direla ondorioztatu zuen.
Izan ere, heterosexualitatea da jendartea egituratzen duen kontratu soziala, eta horren arabera, emakumeak eta gizonak daude, esklabuak eta nagusiak dauden moduan, menderakuntza harreman bat osatuz eta denon bizimodua goitik behera baldintzatuz.
Bere garaiak inposatutako arau eta muga sozialak aztertu nahi izan zituen jendarteko "kide aktibo" bat bezala. Horren ondorioz, idazle gisa praktikara eraman zituen subjektibitatea, agentzia eta ahalduntzea izenordainen erabilera berritzaileak eginez.
Euskal Herriko mugimendu feministan lesbiana feministek egindako ekarpena, Gure genealogia feministak liburuan diotenez, batik bat 1977-1997 tartean koka dezakegu, taldeak, sareak eta jardunaldiak antolatu baitziren ikusgarritasuna eta sexu askapena aldarrikatzeko. Hain justu Wittig-ek, lesbiana eta feminista, aipatutako deseraiketa lana proposatu zuenean. Ezagutu eta hausnar dezagun beraz aurreko belaunaldiek ikusi eta ikasitakoez eta ekar ditzagun gurera. | news |
argia-d33494bcc796 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/politika-sozialak-ezartzeko-burujabetza.html | Politika sozialak ezartzeko burujabetza | Juan Mari Arregi | 2017-09-17 | Politika sozialak ezartzeko burujabetza
Joan den astean, euskal gehiengo sindikala osatzen duten ELAk eta LABek ekintza batasuna irudikatzen duen beste urrats garrantzitsu bat egin zuten, "burujabetza prozesu aldebakarreko eta sozialaren" alde.
Pauso esanguratsua Euskal Herriko gehiengo sozialaren interesen zerbitzura. Aitortzeko modukoa eta txalogarria da ekimena, sindikatu abertzaleen batasunerantz mugarria izan daiteke-eta.
Egongo da esango duenik eremu politikoan "sartzea" dela, alderdi politikoek protagonista izan behar omen duten tokian. Sindikatuek, baina, eskubide osoa dute politika sozial, ekonomiko eta laboralak eskatzeko, gehienean langile eta pentsionistek osaturiko jendarteari bete-betean eragiten baitie. Politika horiek nork erabaki, hobeak edo okerragoak izango dira. Testuinguru horretan, logikoa da salatzen dutena: Espainiako Estatuarekiko menpekotasunak kalteak ekartzen dizkie langile eta pentsionistei; gainera, agintariek ez dute borondaterik egoera hori gainditzeko eta aldebikotasunak ez du funtzionatzen. Ondorioz, prozesu subiranista aldebakarreko eta sozialaren alde daude sindikatuok.
Apustu horrek eragina izango du prozesuan hartu beharreko erabakietan. Horregatik diote beharrezkoak direla "ezkerreko aliantzak". Burujabetzarik ez izateak zailtasunak ekarri ditu negoziazio kolektiboan, jendea pobretu du, lana prekarizatu eta pentsioak eskastu. Burujabetzaren bidez eta euskal gehiengo sindikalak bultzaturik, aurrekontu eta politika fiskal sozialak ezar daitezke, ez eliteen zerbitzura, baizik eta jendartearen gehiengoaren mesedetan. Horretarako burujabetza mota batek baino ez du balio: osagai sozial indartsua duena. | news |
argia-eb7bae5f7a41 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/hor-dira-geure-paperak.html | Hor dira geure paperak | Patxi Larrion | 2017-09-17 | Hor dira geure paperak
Joana Etxartek idatzia, Jean Pierre Recaltek zuzendua eta Altzai eta Lakarriko herriek jokatua. Iruñeko Baluarten, irailaren 10ean eman zen Joanikot pastoralaren kronika.
Hiri Buruzagian behar zuen. Altzai eta Lakarriko herritarrek Iruñeko Baluarten eman zuten pasa den igandean Joana Etxartek idatzi Joanikot pastorala. Testuan nonahi ageri da geure imajinarioa. Bai, Iruñean behar zuen.
Euriak eragotzi zuen karrika-ingurua. Ezin izan genuen Arberoako Joan Frantziako ataritik Baluartera promenatzen ikusi. 1521ean Donibane Garazin atxilo hartu eta Iruñean laurdenkatu zuten Joanikot kapitaina, eta, patuaren kiribilak, konkistatzaileek XVI. mendean eraiki bastioian haragitu zen geure imajinarioa Arberoako Joan eta emazte Oztako Maiaren eskutik.
"Joanikot izan zen erruduna". Aldamenekoa mintzo zait, nonbait pastoralaren sujeta gogoan semeari Joanes paratu zioten. Liburuxka lagun, nonahi atzeman ditugu Nafarroa Garaiari eta bereziki Iruñeari egindako erreferentziak, horietako batzuk geure iruditerian berriki txertatu direnak, Jerusalem galdua kasurako. Bestalde, pastorala honen geografia marrazten ahalegindu gara, eta esanguratsua oso begitandu zaigu Arberoa-Ozta-Tebas ardatzarena.
"Prozesu hori ikusia dut". Artxiborako tirria du lagunak eta patua ageri da berriz ere, pastoral batean, Altzai-Lakarrin, Mañuetan edota Etxalarren, prozesua da gakoetako bat, prozesua da berritasun gutxien ametitzen duena, eta Nafarroako Konkista ikertzean prozesuak, epaiketak izan dira informazio iturririk behinena. Etxarteren balizko iturriak zerrendatzen ahalegindu gara, baina berehala uxatu dugu ariketa, afera ez baita Altzai-Lakarrikoek J. M. Lakarraren liburuak ezagutzen ote dituzten, Pedro Esarte edota Peio Monteanoren ikerketen berri ote duten... Joanikot pastorala historian murgiltzeko era gustagarria ere izan daiteke, eta pasa den igandean Iruñeko Baluarten, epaiketa guzien gainetik, imajinarioa garaile atera zen.
"Hori oparia egin digutena!". Ez diot berehala ulertu, Iruñar jente fierrak estribilloaz ohartarazi dit lagunak, godaleta eskuan kantatzeko moduko ereserkia iruditu zaio Joanesen aitari, hurrengo Sanferminak izanen ditu gogoan, menturaz txikitoak.
"Horiek feriatu behar ditut". Arizale baten galtzak ditu aipagai. Diseinu kontuetan iaioa da bera, arizaleen arropa merkaturatzea proposatzen ari ote den otu zait. Ez zen munta txikiko berritasuna izanen. Berrikuntza izan dugu hizpide, bera alde, osotoro alde, eta 2014ko maiatzaren 17an Etxekopar-Lougaroten Ederlezi pastoralaren kari gertatu pasadizoa ekarri du gogora.
Larunbata da, bazkalondoan ari gara Iruñeko Duguna taldearen egoitzan, ipar-haizea lagun ezin izan ditugu eszenatokia edertzen duten oihalak ezarri. Ordubete falta da pastorala Iruñeko Burgoen plazan eman dezaten. J. Christophe mahaitik altxatu eta kanpora joan da, behin karrikan espaloiaren goiko aldea hobetsi du luzaketak egiteko tenorean, nire presentziaz ohartu eta Iruñeko Artxibategi Nagusiari begira baieztapenetik duen galdera egin dit: "Hor al dira geure paperak?".
Bai, bertan dira geure paperak. | news |
argia-1db5b4dbce5a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/erreferentzialtasuna.html | Erreferentzialtasuna | Estitxu Garai Artetxe | 2017-09-17 | Erreferentzialtasuna
Erreferentzialtasuna. Hitz luzea, alajaina; berau erdiesteko gehienetan behar den lana bezain luzea. Eta "gehienetan" diot beti ez delako hain prozesu nekeza izaten. Politikari buruz ari garela, badirudi nor izatera iristeko bideak txindurri-lana eskatu beharko lukeela, alta, badira egun batetik bestera sortzen diren erreferenteak ere. Komunikabideak izaten dira horretarako tresna nagusia. Asko laguntzen du eguna joan eta eguna etorri pantaila txikian agertzeak.
Gertakari edo pertsona bat albiste bihurtzeko bideak konplexuak dira, baina hitz bakarrean laburbildu daitezke: interesa. Interes hori bitarikoa da, publikoarentzat izan dezakeena eta hedabideen lerro editorialari erantzuten diona. Oro har, bigarrena gailentzen da albistegarritasunaren zidorretan. Horra hor komunikabideen jabetzak duen boterea.
Azkenaldian, besteak beste, turismoari lotutako gorabeherek bete dituzte Teleberri eta Gaur Egun informazio saioak. Minutajean ez dira podiumera iritsi, hori eguraldiaren monopolioa baita, baina ia-ia. Azken opor sasoi guztietan bonbardatu gaituzte turista-kopuruarekin eta hotelen betetze-mailarekin. Inplizituki, hauxe esaten digute: turismoa lehentasunezkoa da herri honentzat. Sektore oparoa izan daiteke, baina ez da sekula herri honen motorra izan, ezta urrik eman ere.
Gure herri eta hiritako biztanleentzat bizigarri izateko egin behar dira hiri-plangintzak, eta turistei begira hartzen diren zenbait erabaki filosofia horri kontrajartzen zaizkio.
Horrek bete-betean egiten du bat gazte problematikarekin: lanpostuen prekarizazioa, etxebizitzaren eskuraezintasuna, prezioen gorakada, eta abar. Aldarrikapen hori bere egin du Ernaik, eta antza ez da han eta hemengo politikari eta tertulia-kideen
gustukoa izan
Udan, turista kopurua alde batera utzita, Kataluniako Arran eta Euskal Herriko Ernai gazte antolakundeek turismo ereduari buruz antolatutako protestak izan dira protagonista. Aipatu interesa tarteko, turismoaren eta turisten aurkako kanpaina gisa irudikatu nahi izan dute gazteen ekina. Izen gaiztoa ere jarri diote: turismofobia. Fobia atzizkiak duen karga negatiboa ez da ahuntzaren gau erdiko eztula. Neurriz gaineko beldurra da fobia, eta, gainera, buru-desordena edo gaixotasunekin lotzen da.
Zentzugabekeriaren kutsua gehitzen dio. Erreferentzia-marko sinplista eta maltzur horretan galtzen da muina: kolokan dagoena turismo eredua ez ezik, herri eredua da. Izan ere, gure herri eta hiritako biztanleentzat bizigarri izateko egin behar dira hiri-plangintzak, eta turistei begira hartzen diren zenbait erabaki filosofia horri kontrajartzen zaizkio. Horrek bete-betean egiten du bat gazte problematikarekin: lanpostuen prekarizazioa, etxebizitzaren eskuraezintasuna, prezioen gorakada, eta abar. Aldarrikapen hori bere egin du Ernaik, eta antza, ez da han eta hemengo politikari eta tertulia-kideen gustukoa izan. Esaerak dio: hitz egiten duzunean ez badio inori trabarik egiten, horrek esan nahi du ez duzula ezertxo ere esan. Eta are gehiago gazte aldarrikapenekin.
Beste hamaika ekimen eta dinamika martxan jarri eta apenas kasurik egin zaienean, orain hainbesteko proiekzioa emateari kiratsa dario. Agian publiko masiboari begira gazteen mezua desitxuratuta agertu da, baina horrek ez du esan nahi kanpaina kalterako izan denik. Turismoa dela eta ez dela albistegietan behin eta berriro agertu da Ernai, eta horri esker erreferentzialtasuna irabazi du. Badira bost urte Ernai gazte erakundea sortu zenetik, eta seguru nago orain arte gazte askok Ernai izena entzunda ez zutela zer den jakingo, haren arrastorik ez zutela izango. Bada, udako kanpainari esker eta turismoari lotuta antolatutako dinamika dela-eta lortu du bere izena eta izana ezagutzera ematea, eta mezuak mezu eta kanpainak kanpaina, horrek urrea balio du. | news |
argia-d775fd03c1b2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/independentzia-erreferenduma-deitu-du-kataluniako-gobernuak.html | Independentzia erreferenduma deitu du Kataluniako Gobernuak | Xabier Letona | 2017-09-07 | Independentzia erreferenduma deitu du Kataluniako Gobernuak
Gauerdia baino lehen sinatu dute Puigdemontek eta Generalitateko kontseilari guztiek U-1erako dekretua. Aurretik, Kataluniako Parlamentuak Erreferendumaren Legea onartu du, espero zen bezala. Espainiako Gobernuaren erantzuna berehalakoa izan da.
Dena joan da pentsatu moduan Kataluniako Erreferendumaren bozketari dagokionez eta Junts Pel Sí, CUP eta Germá Gordóren (JxS ohia) 72 botoekin atera da aurrera urriaren 1eko kontsulta arautuko duen legea. CSQP abstenitu egin da. C's, PSC eta PPk Legebiltzarretik alde egin dute bozketan parte hartu gabe.
Osoko bilkura luzea izan da oso, ordea, eta katramilatua, aldekoek aurrera egin nahian eta aurkakoek ahalik eta gehien zangotrabatuz. Pentsatu bezala, goizean goiz Legebiltzarreko Mahaiak tramitera onartu dute legea eta hor hasi da gudu politikoa. Egunero harri-bitxia Legebiltzarreko 81.3 araua izan da: honek ahalbidetzen du osoko bilkura etetea eta, gehiengo osoa badago, lege bat edo proposamen bat bideratzea egunean bertan.
Arau hau aurten erabiltzen den bigarren aldia da, iragan maitzaren 17an erabili baitzuen Legebiltzarrak, QSQP eta CUPen eskariz: orduan, Palau ustelkeria auzia zela eta Parlamentuari eskatu zioten Generalitatea akusazio partikular gisa aritzea auzian. Legebiltzarreko talde guztien onespenaz egin zuen aurrera eskaerak.
Halako lege garrantzitsu bat onartzeko halako arau bat erabiltzea demokraziaren aurkatzat jo du oposizio osoak eta honen inguruko kontsulta juridikoak eta hainbat bilkura eskatuz, behin eta berriro lortu du atzeratzea Erreferendum Legearen eztabaida. Junts Pel Sí eta CUPek onartu dute ez dela halako lege bat ateratzeko modurik egokiena, baina azpimarratu dute Espainiako Gobernuaren etengabeko ezetzak ez diela bestelako irtenbiderik utzi.
Tentsio eta eztabaida handiko uneak bizi dira egunean zehar, baina azkenean legearen eztabaidari ekin diote arratsaldea ondo sartua zegoela eta 21:30ean legea onartu dute. Ondoren, independentistek Els Segadors abestu dute. Legebiltzarreko Buletin agertu da Legea 22:00ak aldera eta, ondoren, Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko lehendakariak erreferendumerako dekretua sinatu du Legebiltzarrean bertan. Gobernu osoak sinatu du berarekin batera.
CSQPren apurketa
Tentsio handia izan da ez bakarrik independentista eta oposizioaren artean, CSQPk ere osoko bilkuran erakutsi du erreferendumarekiko bizi duen apurketa. Taldeko bozeramale Lluis Rabelek bere ikuspegia azaldu behar zuenean, Joan Giner diputatuak hitza eskatu dio Forcadelli, eta azaldu dio bere taldea bitan dagoela zatitua eta, beraz, berak ere hitz egin nahiko lukeela. Forcadellek ihardetsi dio beren denborak banatuz gero ez dagoela arazorik, baina Rabelek ez du onartu eta berak hitz egingo zuela adierazi du. Horren aurrean CSQPko lau diputatuk alde egin dute aretotik.
Espainiaren kontraerasoa
Espainiako Gobernuak ez du itxaron legea onartu arte eta goizean bertan eraman du gaia Auzitegi Konstituzionalera, argudiatuz Auzitegi honek behin baino gehiagotan ohartarazi duela Kataluniako Legebiltzarreko Mahaia ezin duela erreferendumarekin zerikusirik duen ezer tramitatu eta, hala ere, muzin egin diola. Konstituzionalak, dena den, ez dio asteazkenean heldu gaiari eta osteguneko bileran jorratuko du.
Mariano Rajoyren Gobernuak, halaber, asteazken gauean bertan eskatu dio txostena Estatu Kontseiluari, horrela ostegunean bertan helegitea jarri ahali zango dio Legeari Konstituzionalean. Honek tramitera onartu eta legea baliorik gabe geldituko da behin-behinekoz.
Kataluniako fiskal nagusiak ere kereilak jarriko ditu, seguruenik ostegunean bertan, Legebiltzarreko Lehendakari Carme Forcadell eta Mahaiko Junts Pel Sí-ko beste kideen aurka, guztiei desobedientzia eta prebarikazioa leporatuz. Forcadellek, bere aldetik, Auzitegi Konstituzionaleko kideen aurkako errekusazioa eskatu du, hauek Espainiako Gobernuaren menpe daudela argudiatuz. | news |
argia-b3ef536f3966 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/txantxiku-ikastola.html | Hezkuntzaren zimenduak lekualdatzen | Itziar Ugarte Irizar | 2017-09-17 | Hezkuntzaren zimenduak lekualdatzen
Ez zaio arrotza Kilometroen jaien prestaketa Oñatiko Txantxiku Ikastolari. 1989an egin zuten aurreneko aldiz, eta irailaren 24an bigarrenez hartuko du jaia herriak. Mende erdia bete du aurten ikastetxeak, eta berrikuntza pedagogikoaren zurrunbiloan iritsi da urtemugara.
Hainbat oñatiarrek esan ohi dute inoiz gutxitan ikusi dutela herriko plaza 1989ko Kilometrotan bezain beteta; aparkalekuek gainez egin zuten, ogitartekoetarako ogi gabe geratu ziren tabernak, Eganek plaza osoa jarri omen zuen dantzan. Txantxiku Ikastola batxilergo ikasketak eskaintzen hasi zen garai hartan, eta aldaketa hari aurre egiteko, besteak beste, antolatu zen Gipuzkoako ikastolen jaia Oñatin. Aurten 50 urte bete ditu ikastetxeak eta berrikuntza pedagogikoaren zurrunbiloan bete-betean sartuta ospatuko du festa.
Haur Hezkuntzan egindako lanak
etapa guztietan eragin du ezbaian jartzea orain arteko lan egiteko modua
3 urteko 28 ikaslerekin hasi zuen bidea Txantxikuk 1967an, klandestinitatean eta Elizaren babespean, gehienak lez. Aldaketak zenbakitan emanda, bost hamarraldiren ondoren, 0 urtetik 18 urte arteko heziketa eskaintzen du, eta 978 ikasle, 572 familia, 118 laguntzaile eta 86 langilek osatzen dute ikastola. Zenbakietatik harago, hezkuntza munduak bizi dituen erronkei eta aldaketa-giroari engaiatuta dabil ikastola azken bolada luzean.
"Denok berdina esaten dugu: gizartea aurrera doa, gero eta informazio gehiago daukagu pertsonok nola funtzionatzen dugun, zerk motibatzen gaituen… baina orain dela urte gutxi arte, klaseak duela 30 urte arteko moduan ematen genituen ia-ia, gelako paisaia berdina zen. Horrekin denarekin apurtu beharra sumatu da azkenengo hamar urteetan, eta aldaketa une horretan gaude: pentsatu, frogatu eta aldatu", azaldu du Zigor Ibarzabal ikastolako zuzendariak. Konfiantzaren pedagogiaren ontzira batu ziren iragan ikasturtean, eta horren barruan kokatu dituzte 0-18 urte arteko etapa guztietan errotzen hasitako berrikuntzak: Ixutu proiektua, EKI ikasmaterialaren digitalizazioa, ikasketa kooperatiboa, eta Batxi Lab mintegiak, tartean. Ibarzabalen esanetan, "konfiantzaren pedagogia marko teoriko orokor bat da, haurraren irakaskuntza ikusteko era bat, eta batez ere, harremanak lantzeko era bat".
Iaz, kurtso hasierako sasoi honetan "dena dantzan" zegoen: Txantxikuk diseinatutako Ixutu proiektua abiatu zuten konfiantzaren pedagogiaren baitan. Haurra norbanako bezala garatzeko eta adin ezberdinetako ikasleak interakzioan jartzeko, hormak botatzen, espazioa berrantolatzen eta proiektu arkitektoniko berria garatzen eman zuten uda, eta itxura erabat bestelakoarekin hasi zuten ikasturtea Haur Hezkuntzan. Pili Urzelai HHko koordinatzaileak argitu duenez, "0-3 artean Emili Piklerren teoriarekin aberasten da Ixutu (goxotasuna tratuan, umeen erritmo biologiko-koginitiboekiko errespetua… ), eta 3-6 bitartean denboralizazioan eragiten du, batez ere; haurrek tarte malgua dute ikastolara etortzeko, gurasoak barruan egon daitezke umea lasai ikusi arte, 5 urteko bat egon daiteke bi urteko haurren eremuan…".
"Arlo teorikoan oso garatuta geneukan, baina arlo praktikoan ez geneukan esperientziarik, eta hasierako hilabeteak gogorrak izan ziren; estresa eta haserreak egon ziren", aitortu du Ibarzabalek. Urtebete igarota, baina, balorazioa oso ona dela dio, haurrek erakusten duten poztasunean antzematen dutela, baita gurasoengan ere. Gurasoak izan baitziren, hain justu, aldaketa bultzatu zutenak. Kooperatiba integrala da Txantxiku, eta Kontseilu Errektorera gurasoek eraman zuten kilometroak antolatzeko proposamena; hautagaitza aurkezteko proiektu pedagogiko bat eraman behar denez, konfiantzaren pedagogiara batzeko aukera agertu zuten. "Aurretik ere gurasoek esaten ziguten berrikuntzen beharra zegoela, bailaran ikusten zituzten eredu berriak. Eta guk ere bageneukan egarri hori", adierazi du Nagore Altube Bigarren Hezkuntzako koordinatzaileak.
Gurasoen Kontseilua bera ere "hankaz gora" jarri dute. Gurasoek esan zuten Kontseilua zegoen moduan ez zela euren gustukoa, eta protagonismo handiagoa eta autonomia handiagoa emate bidean ari dira aldaketak egiten. Guraso eskolak ere sortu dituzte, "gurasoak pedagogiaren inguruan janzteko".
Nagore Altube, DBHko koordinatzailea: "Etorkizuna digitala izango dela argi dugu, baina trantsizio garaian gaude, eta denok behar dugu denbora bat egokitzeko"
Denak aldaketapean
"Dena pilatu zen, zuzendaritza berria ere une hartan sortu zen, eta barrura begira iraultza txikia izan da. Aldaketaren ardatza ikaslea da, baina komunitate osoan du eragina", aipatu du Iñaki Barrena Lehen Hezkuntzako koordinatzaileak. Bere arabera, Haur Hezkuntzan egindako lanak etapa guztietan eragin du ezbaian jartzea orain arteko lan egiteko modua.
Aurreko ikasturtean HH5ean zeudenak, Lehen Hezkuntzako lehenengo mailara igaroko dira aurten, eta iaz hartutako bidea ez mozteko, LH1eko eremuak itxuraldatuta hasiko du ikasturtea: "Beste denboralizazio bat izango dute aurrerantzean ere, eta gelako espazioa aldatuko da. Horma zati batzuk bota ditugu barrutik ikasgelak komunikatuta egoteko, eta altzariak aldatu; ez da mahai bat egongo ikasleko, taldetako mahaiak eta asanbladetan batzeko espazioak atondu ditugu", azaldu du Ibarzabalek. Ikasleek bederatzi proposamen izango dituzte astean zehar garatzeko: hiru arte-hizkuntzakoak, hiru matematika txokokoak eta hiru hizkuntza txokokoak. Eurak antolatu beharko dira aste amaierarako eginbeharra osatzeko. Lekeitioko ikastolan ere izan ziren, bertatik bertara ezagutzeko nola integratu zuten haiek metodologia berria Lehen Hezkuntzan. Diotenez, "ikastolen artean lankidetza handia dago momentu honetan berrikuntzaren aldetik".
Bigarren Hezkuntzan jada berrikuntzaren gurpilean sartuta zeuden EKI ikasmaterialarekin – Europatik ezarritako konpetentziak ikasmaterialean jasotzea du helburu EKIk–. Azken hiru urteetan, EKIren digitalizaziora egin dute jauzi, eta materialak zehazten dituen sei arlotatik hiruzpalau ordenagailuz lantzen dituzte. Altuberen arabera, ikasleentzat erakargarriagoa da ordenagailuz ikastea: "Etorkizuna digitala izango dela argi dugu, baina trantsizio garaian gaude, eta denok behar dugu denbora bat egokitzeko". EKI erabiltzen hasiko da Lehen Hezkuntzako seigarren maila aurten. Datorren ikasturterako bosgarren mailan ere izango dute ikasmateriala, baina ez beherago. "Behetik gora konfiantzaren pedagogiarekin goaz eta goitik behera EKIrekin, baina LH 3-4 tartean bien uztarketa egingo dugu", aurreikusi dute.
Batxilergora begira ere, konpetentzien lanketan sakontzeko, BatxiLab bultzatu nahi du Ikastolen Elkarteak, eta interesa sumatu dute horrekiko ikasleen artean. Interdiziplinitate askoko mintegi batzuk izango direla azaldu du Altubek, eta ikasturte honetan egingo dituztela lehen saioak.
Gurasoak ere aldaketak egiten ari dira, protagonismo eta autonomia handiagoa hartze bidean. Guraso eskolak sortu dituzte, "gurasoak pedagogiaren inguruan janzteko"
Auzolanari lekaixoka
Etorkizunerako erronken artean naturarekin harremanak sakontzea du mahai gainean Txantxikuk: "Ikastola fisikoaz kanpo errekurtso natural asko ditugu eta horiek ere izan daitezke baliabide didaktiko". Bide horretan, duela hiru ikasturtetik DBH4ko ikasleak baratze bat kudeatzeaz arduratzen dira. Halaber, beste bi erronka orokor aipatu ditu zuzendaritza taldeak: berrikuntza pedagogikoaren bidetik urratsak ematen jarraitzea etapa guztietan, eta komunitatearen rola indartzea. "Gero eta gehiago zentratzen gara gure buruan, eta aurten ildo komunikatiboa auzolana zabaltzea izan da, hezkuntzan eta herri mailan".
Ixutu proiektuarekin egin behar izan diren aldaketa fisikoak halaxe egin dituzte, auzolanean: "Egiturak gurasoek egin dituzte asteburuetan, margotu, garbitu, tapizatu… denetik". Elkarlan giro horrek Kilometroetarako egon den "parte-hartze altua" ekarri duelakoan da zuzendaritza taldea. "Jende asko mugitu eta hurbildu zuten ikastolara konfiantzaren pedagogiaren obrek, eta bide bat zabaldu du Kilometroetarako lantaldeak sortzeko; saretu egin da komunitatea". Hortik aukeratutako leloa: Lekaixoka , auzolanerako deiadarra.
Modu horretan egin ziren 89ko Kilometroak, eta hala aritu dira herritarrak aurten. Baina denbora horretan jazotako kanpo-aldaketek ere izan dute eragina. "Lehen 'ikastola' esatea nahikoa zen euskalduntasuna, herritartasuna, nazio ikuspegia esateko. Gaur egun baita ere, baina ez gara bakarrak, badira ildo horretako beste eredu batzuk, eta kontuan hartu behar da 89tik hona aktibazio soziala apaldu dela, edozein arlotan", adierazi du Barrenak. Halere, egutegian gorriz markatutako egunerako denbora agortzekotan dela, eskertuta agertu dira urte osoan zehar talde guztietan (parekidetasuna, jasangarritasuna, komunikazioa, giza baliabideak, osasuna, prebentzioa…) izan den inplikazioaz. "Agian kalera irten eta esango dizute ez dela ezer aldatu –dio Barrenak–, baina gure ahalegina behintzat hor dago, eta ikuspuntua hori da: bagabiltza aldatzen". | news |
argia-b61d023a4bbe | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/itxialdiak-greba-egunak-borroka-asteak-eta-elkarretaratzeak-hezkuntzan.html | Itxialdiak, greba egunak, borroka asteak eta elkarretaratzeak hezkuntzan | Mikel Garcia Idiakez | 2017-09-06 | Itxialdiak, greba egunak, borroka asteak eta elkarretaratzeak hezkuntzan
Hezkuntza arloan bero bukatu zen ikasturtea EAEn eta indartsu ekingo diete berriz murrizketen aurkako mobilizazioei: abendura bitartean, greba orokorra eta arloz arlokoa, itxialdiak, elkarretaratzeak, solasaldirako tarteak, salaketa egunak, borroka asteak eta manifestazioak iragarri dituzte unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan. Egutegi zehatza ikusi dezakezue argazkian.
Steilas, LAB eta ELA sindikatuen esanetan, Eusko Jaurlaritzak ez die euren aldarrikapenei erantzun eta ez du negoziazio asmorik agertu. Hori ikusita, mobilizazio dinamikari eustea erabaki dute, Jaurlaritzari presio egin asmoz.
Eskaera zehatzak
Neurri zehatzak eskatzen dituzte sindikatuek. Besteak beste, hezkuntza inbertsioa gutxienez Europar Batasuneko batez bestekora handitzea, hezkuntza publikoko plantilla handitzea (EAEn gutxienez 2.000 lagun gehiago eta Nafarroan 900), irakasleen behin-behinekotasuna %40tik %6ra murriztea, eta ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua %10 txikitzea. Baja, ordezkapen eta erretiro duinak izateko ere hainbat neurri proposatu dituzte.
Gaiaz gehiago:
- "Jaurlaritzak muturreraino tenkatu du soka eta konfrontazio fasea ireki dugu"
- Nola eragiten dio hezkuntza publikoaren egungo egoerak zure seme-alabari? | news |
argia-e3b8618b70b6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/tsunamiak-urperatutako-garum-a.html | Tsunamiak urperatutako 'garum'-a | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-09-17 | Tsunamiak urperatutako 'garum'-a
Tunisiar eta italiar arkeologo talde batek Neapolis hiriaren arrastoak aurkitu berri ditu Tunisiako kostaldean urperatuta. Amiano Martzelino erromatar historialariak jaso zuenez, hiria tsunami batek suntsitu zuen K.o. IV. mendean.
Hogei hektareatik gorako aztarnategian, hainbat monumentu eta eraikinen arrastoak topatzeaz gain, garum -a (arrain hartzituzko saltsa) egiteko ehunka tanga aurkitu dituzte. Adituen ustez, Erromatar Inperio berantiarreko garum ekoizle nagusietakoa zen Neapolis, baina erromatarrek oso gutxi idatzi zuten hiriari buruz, ziurrenik Gerra Punikoetan Kartagorekin lerratu izanagatik. Aurkikuntzak erromatarrek esan ez zigutena jakiteko balio dezake. | news |
argia-a5bb18e4a720 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/tuterako-tomate-itsusiaren-festa.html | Tuterako tomate "itsusiaren" festa | Garazi Zabaleta | 2017-09-17 | Tuterako tomate "itsusiaren" festa
Duela hamar urte hasi ziren Tuterako Remigio Ostatuko kideak tomate "itsusiaren" lehiaketa antolatzen. "Gure inguruko baratzeetan izarra zen tomate mota hori desagertzen ari zela ikusi genuen, eta hori ekidin eta produktuari balioa eman nahi genion" azaldu du Luis Salcedo Irala ostatuko arduradun eta lehiaketaren antolatzaileak. Aurten, gainera, berrikuntzak egon dira tomate festan: lehiaketa izatetik Tuterako Tomate Itsusiaren I. Asteburua izatera pasatu da ekimena.
Itxurak ez omen du inporta… edo bai?
"Tuterako itsusia" bezala ezaguna, marmande barietateko antzinako tomatea da lehiaketako protagonista. 1980-90eko hamarkadetan, garraiorako gogorragoa zen tomatea nagusitu zen merkatuan, azal leun eta politekoa. "Garai hartan estetikak garrantzia handiagoa zuen zaporeak baino, eta hemen laborariak esaten hasi ziren: 'tomate hau ez digute hartzen itsusia delako'", kontatu du Salcedok. Horrela irabazi zuen "itsusi" ezizena Tuterako tomateak.
Jesus Marquina Arellano.
Lehiaketan, gainera, tomaterik onenari ez ezik itsusienari ere ematen diote saria. "Bi kategoria dauzkagu: lehenengoan tomate itsusiena bilatzen da, eta publikoa bera da epaimahaia. Bigarrenean, tomaterik onenarenean, epaimahai bereziak hartzen du parte".
Tomate lehiaketatik tomate festara
Irailaren 1ean eta 2an herriko merkatuan izan zuten zer ikusi eta zer egina herritarrek: Helianto elkarteak haurrentzako tomate haziak ateratzen ikasteko tailerra antolatu zuen, NNPEK Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak tomate ekologikoa eta konbentzionala alderatzeko dastaketa egin zuen, salmorejo eta olio ekologikoaren dastaketa izan zuten ondoren, baita tomate errezetak prestatzen ikasteko sukaldaritza tailerra ere, Basque Culinary Centerrek emana.
Zaporea ezin delako itxuratik neurtu, jarrai dezatela tuterarrek euren baratzeetan tomaterik itsusienak ereiten! | news |
argia-9e2450cacb9f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/joseba-gabilondo-literatur-ikerlaria.html | "Nitasuna oraintxe ari da agertzen lehenengo aldiz euskal literaturan" | Danele Sarriugarte Mochales | 2017-09-17 | "Nitasuna oraintxe ari da agertzen lehenengo aldiz euskal literaturan"
Miopea da Joseba Gabilondo ikerlari euskaldun amerikartua: hemengo gauzak oso gaizki ikusten ditu, oso urruti dagoelako; gauzen itxura orokorrari, ordea, bikain antzematen dio. Elkarrizketa honetan, Michiganetik erreparatu diogu Euskal Herriari.
Gazterik joan zinen Ameriketara.
Bai, masterra eta doktoradutza egitera joan nintzen, eta Euskal Herrian baino urte gehiago daramat han. 24 urterekin joan nintzen, orain dela 30 urte, beraz amerikarragoa naiz euskalduna baino.
Hala uste duzu zuk?
Ez, hau ez da kuantitatiboa, ez dira orduak zenbatzen. Beste modu batera esan diezazuket: hemengo gaiei buruz idazten dut, baina ezingo nintzateke hemen bizi.
Zergatik?
Honek halako klaustrofobia fisiko bat ematen didalako: mendi gehiegi, leku gutxiegi, gauza txikiegiak eta denak elkarri pegatuta… Etxeak, hasteko. Ni han oso etxe normal batean bizi naiz, baina lorategi bana du aurrealdean eta atzealdean. Nire hirian natura dago, beheko parkera jaisten naizenean han ikusten ditut oreinak, koioteak, arranoak… Ni bizi izan naiz hiri handietan, Los Angelesen eta Tokion adibidez, gazteagoa nintzenean oso kosmopolita izan nahi nuelako, eta lortu nuelako gainera, baina gaur egunean erabat baserritartu naiz, eta, Manhattanera joaten naizenean, iritsi bezain pronto pentsatzen dut ea jende hori nola bizi daitekeen hainbeste zementuren erdian.
Bestalde, zuek bizi zareten munduan bi graduko separazioa dago, alegia, mundu guztiak ezagutzen du mundu guztia, eta taberna batera joan eta han topatuko duzu ez dakit nor eta esango dizu ez zitzaiola gustatu zure liburua. Badakizu zenbat euskaldun dauden Michiganen, gutxi gorabehera 10 milioi lagun bizi diren tokian?
Bat bakarra?
Horixe, neu bakarrik. Nik badakit kalera ateratzen naizenean inork ez didala ezertxo ere esango nire liburuei edo artikuluei buruz.
Hala ere, hori guztia jakin gabe joan zinen. Zergatik Amerikako Estatu Batuak?
Sasoi haietan semiotika zen guztion obsesioa. Gaztea nintzen, aukera neukan, eta pentsatu nuen semiotikari buruz gehien zekiena non, ba hara joango nintzela. Yuri Lotman zen tipo hura, eta Estonian zegoen. 1987an geunden, 1989a baino lehenago, beraz Sobietar Batasunaren parte zen Estonia. Erabaki nuen baietz, banindoala, eta hemen Donostian hasi nintzen zirilikoa ikasten, Madrilera joan nintzen estatuko etxe sobietarren komisario nagusiarekin hitz egitera eta afaltzera… Prest nengoen bloke komunistara joateko. Baina batek harrapatu ninduen eta esan zidan: "Hi zoratuta hago, hik Ameriketara joan behar duk, ez Estoniara!". Badakizu zeinek?
Ez…
Jon Juaristik. Hark zuzendu zidan lizentziaturako tesia, eta eman zidan gaia hain ona zen, ezen, ni AEBetara ailegatu nintzenean, abangoardian bainengoen; hangoek ez zekiten nik baino gehiago. Hari zor diot nire bizitzaren erdia, nahiz eta, gerora, bere lanaren kontra idatzi dudan oso kritikoki.
Eta zer gai eman zizun bada?
Derrida. 1987an, orduantxe ari zen dekonstrukzioarena pizten, oraindik ez zegoen itzulpenik, frantsesez irakurri behar zen dena.
Argazkia: Dani Blanco.
Oker ez banaiz, Hispanic Studies-en barruan diharduzu. Azalduko zenidake zertan datzan hori?
Espainiaren arazoa aztertzen dut, teorikoki. Eta ni, gainera, egin dudan azterketarengatik, konbentzituta nago Espainia badela estatua baina hain zuzen porrot egin duela nazio gisa, ez duela sekula lortu bere burua nazio gisa eraikitzea. Hispanismo guztiaren edo gehiengoaren kontra doa hori.
Beste hispanistek zer pentsatzen dute?
Oraingoz ez didate sinesten, jakina, baina nik uste dut aurrerapen handiak egin ditugula. Hemen, egoera geopolitikoagatik, ez duzue hain zuzenki ikusten, baina han argi eta garbi ikusten da Espainiak eta gaztelaniak, gaur egunean garrantzirik izatekotan, Latinoamerikari esker daukatela.
Pasadizo bat kontatuko dizut, nire ikasle bati buruzkoa. Nire lagun hispanistek barre egin zioten, baina nire ustez ikasle hark arrazoia zeukan: ikasleari galdetu zioten ea Espainia non zegoen, eta hark erantzun zuen Mexikotik hegoaldera egon behar zuela, han nonbait, Latinoamerikan. Eta halaxe da.
Azalduko zenidake apur bat xeheago espainiar nazioaren porrota?
Oso era psikoanalitikoan esanda, Espainiako Estatua inperio bat izan da, ez da sekula nazio bat izan. XIX. mendean desegin zen inperioa, gehiena mendearen hasieran (1810-1825) eta azken zerak, berriz, 1898an. Espainiak ez du gainditu oraindik bere kondizio post-inperialista, ez du onartu; ez du barneratu eta bere errelatoan sartu. Espainiako nazionalismoa ukazio horretatik abiatzen da hain zuzen, eta ukazio horren beharrak definitzen du; beraz, nazionalismo espainola beti da Bestearen ukazioan oinarritzen den nazionalismo post-inperialista bat.
Martutene-New York . Euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz (EHU, 2013) liburuan hauxe idatzi zenuen, besteak beste: euskal idazleek gatazkari buruz ganoraz idatzi ote duten galdera tranpa bat dela.
Alde batetik galdera ebidentea dago, galdera ideologikoa, eta gero, ideologia horren atzean, hainbat maniobra politiko daude, inkontzienteki edo inplizituki onartuak.
Galdera horren atzean zer dagoen inplizituki? Bada euskal idazleek gatazkari buruz ganoraz idatzi ote duten galdetzea da ea emakumeek idatzi dezaketen galdetzea bezalaxe. Azken batean, galderarik orokorrena izango litzateke ea Besteak (euskaldunak, emakumeak…) zerbait idatz dezakeen. Galderak berak inplizituki eta politikoki baieztatzen du Besteak ezin duela ezer idatzi, hain zuzen horregatik egiten da galdera, bestela ez litzateke egingo. Eta beraz galdera horrek beti ekarriko du, inplizituki eta aurrez, ezetza: ez, euskal literaturak ez du gatazka ondo adierazi eta ez du sekula egingo. Galdera horrek azken korolario bezala zera dakar, ez dagoela euskal literaturarik, edo euskal literatura ez dela gai euskal errealitatea adierazteko eta beraz baliogabea dela, jardun sinboliko hutsa.
"Espainiako Estatua inperioa izan da, sekula ez nazioa"
Nola erantzun dakioke?
Buelta eman behar zaio, zeren zenbat eta gehiago saiatu frogatzen euskal idazleek idatzi dutela gatazkari buruz, orduan eta gehiago subordinatuko zara, zure subordinazioa barneratuko duzu eta subordinazio hori bihurtuko da zure izaera eta zure biografia.
Beraz, galderari buelta emateko bi aukera daude. Bata da Zizek-ena. Galdera: "Euskal literaturak ondo errepresentatu du gatazka?" Erantzuna: "Bai, tomateak asko gustatzen zaizkit". Beste aukera da, hain zuzen, honi buruz idaztea eta nolabait maniobra ideologikoaren atzean dagoena erakustea. Eta ozen aldarrikatzea ez dela galdera isolatu bat baizik eta bestetasunarekiko beti maniobratzen den mekanismo oso unibertsal bat. Hortik dator Fernando Arambururen Patria eleberriaren arrakasta: euskal literaturaren ezintasuna aldarrikatu, eta gero bere eleberri jasanezina aurkeztu gatazkaren adierazle zilegi bezala.
Literatura indarra galtzen ari dela iruditzen al zaizu?
Hori, horrela jarrita, literaturgileen lantua baizik ez da. Arazoa ez da hori, hau baizik: zer funtzio bete du literaturak XX. mendean euskal kulturan? Bada, mendearen bukaerara arte, nazioaren alegoria idaztea izan du funtzio nagusi, une horretan ez baitzegoen beste bide politikorik nazioa irudikatzeko. Orain, ordea, politikoki irudika daiteke nazioa. Bestalde, teorikoki esanda, baieztatu daiteke Atxagak eta abarrek lortu dutela nazioa literaturan irudikatzea (Obaba), baina, orduan, ez dituzte nazioa eta estatua uztartu: horren guztiaren ondorioz, gaur egun, literaturak ez du funtzio politiko bat betetzen, zeina berez ez zitzaion tokatzen. Hortaz, literaturgileek utz diezaiotela negar egiteari. Ulertu behar dute beste espazio batean daudela eta literaturak beste funtzio batzuk dituela Euskal Herrian.
Argazkia: Dani Blanco.
Eta zer funtzio legokioke bada literaturari orain?
Legokiokeena ez da hain interesgarria, gehiago interesatzen zait zer funtzio betetzen ari den literatura jada. Jakina, nazioa errepresentatzeari uzten diozunean geratzen zaizun bigarren espazio nagusia da espazio indibiduala, askoz gertuago dagoena biografiatik eta abar. Espazio hori ez dugu ondo ulertu oraindik, zeren, probokazio bezala esanda, Euskal Herrian orain dela gutxira arte ez da ni-rik egon: horretarako burgesia bat behar da, espazio pribatu bat, eta gu beti bizi izan gara manifaz manifa eta bizilagunak zer esango. Ni-a, Euskal Herrian gertatzekotan, oraintxe hasi da lehenengo aldiz sortzen, eta iruditzen zait literaturak hobeto ulertu beharko lukeela dagoeneko egiten ari dena, eta askoz gehiago sakondu beharko lukeela horretan. Literaturak askoz serioskiago hartu beharko luke daukan espazioa. Adibidez, oraindik ez da ondo esplikatu zergatik izan duten arrakasta Eider Rodriguezen ipuinek, eta horietan topatuko dugu nahi eta espero ez dugun ni bat eta errealitate bat.
Bestetik, errealismo forma berri batzuk sortu dira, ez nazio bat eraikitzeko, baizik eta nazioaren trapu zahar denak ateratzeko. Adibidez, nobela beltzak balio du gizarteko periferia zikina azaltzeko, eta zikintasun horretan, askotan, askoz hobeto adierazten duzu zer den hiria, zer den nazioa.
Ocho apellidos vascos filmari buruz ere idatzi duzu. Film horretan, espainolek euskaldunen eta andaluziarren lepotik egiten dute barre, eta galdetu nahi nizuke ea zer iruditzen zaizun alderantzizkoa egitean gertatu dena, hots, nola ikusten duzun ETB1eko Euskalduna naiz, eta zu? saioaren harira piztu den polemika.
Hasteko, ulertu behar dugu Ocho apellidos vascos españolada bat dela, eta [Miren] Gaztañagarekin-eta gertatu dena ulertzeko, berriz, ikusi behar da nork kudeatu dezakeen eta erabili dezakeen españolada , eta nork ez.
Zer da españolada?
Españoladaren sorreran zer dagoen? Carmen . Frantses batek idatzi zuen, gainera. Espainolek hartu zuten beste batek beraiei buruz egindako aurkezpena eta gero, hori garatu zuten zarzuelaren, operaren eta zinearen bidez.
Eta zer da Carmen ?
Carmen en ez dago espainolik. Carmen en daude euskaldun bat eta andaluziar bat. Zein dira Espainiako Besterik ezagunenak? Bada, bata, andaluziarra, ijitoa, afrikarra, eta bestea, berriz, espainolak baino espainolagoa den arraza ez kontaminatua, benetako espainol ez-espainola: euskalduna. Carmenek, nobelan, euskaraz seduzitzen du Don Jose eta, gero, Don Josek hil egiten du Carmen. Orduan dauzkazu emakume engainatzaile ijitoak eta euskaldun autentiko biolentoak, eta hortik sortzen da españolada .
1845ekoa da Carmen , Espainiak kolonia gehienak jada galdu zituenekoa, eta obraren muina hauxe da: Espainiako barne Besteen arabera (euskaldunak, ijitoak…) baino ezin direla definitu espainiarrak. Beraz, identitate espainola beti eraiki da espainolak ez diren espainolekiko gozamenaren bidez eta beren arteko biolentzia gozatuz. Porno etnikoa da, espainolek beti voyeur erara gozatzen dutena, espainolik agertzen ez den obra bat baitago oinarrian. XXI. mendean, neoliberalismoak eta krisiak halako egonezin politiko eta historiko bat sortu zuten Espainian, ez zegoen zeruertzik, eta espainolek zer egin zuten, bada beren esentziara itzuli, eta Ocho apellidos vascos sortu.
Hori argituta, zer gertatu da Euskalduna naiz, eta zu? saioarekin?
Tabu bat hautsi da. XIX. mendetik hasita, espainiarrek esan izan dute beti huts egindako proiektu bat dela Espainia, hirugarren mundua dela, Dumas zuzen zebilela eta Afrika Pirinioetan hasten dela, Espainiak ez daukala itxaropenik… Ortega y Gassetek zioen hori, espainoletan espainolenak. Beraz mezua ez da inondik ere berria, ez da eskandalagarria. Tabua hausteak ekarri du eskandalua.
Tabua zertan datza?
Porno etniko espainola da, espainolak dira ikusle (subjektu) eta, beraz, euskaldunok pertsonaia (objektu) izan behar dugu. Euskaldunok ezin dugu posiziorik inbertitu, ezin dugu ikusle bihurtu eta pornoa egin pertsonaia espainolekin, hori debekatuta dago antropologikoki. Zeinek puskatu du tabu hori? Gaztañagak. Gaztañagak esan zuen espainolak paletoak zirela edo horrelako zerbait, eta dena inbertitu zen. Tabu antropologiko espainol sakon bat apurtu zen: euskaldunok ez ginen pornoa egiten ari espainolentzat; aitzitik, geu ari ginen ikusten espainiarrak pertsonaiatzat zituen porno euskalduna. | news |
argia-1fc567ec7e51 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/kurtso-hasieran-autogestioa.html | Kurtso hasieran, autogestioa | Itziar Bardaji Goikoetxea | 2017-09-17 | Kurtso hasieran, autogestioa
Iruñeko auzo aberats batean, etxe abandonatu baten teilatua zulatzen hasia da. Okupazio mugimenduko gazte batzuk eta kalean bizi ziren etxegabe batzuk bertan bizi dira elkarrekin, eta etxea konpontzen ari dira. Elkarlana eta elkarbizitza aurrera doaz, arduratze aktiboaz eta elkartasunez. Etxe Ikusezina deitu duten horretan ematen den bi munduren loturak, gizarte zerbitzu eta abarren asistentzialismoa eta ondoriozko mailakatze soziala gainditu lezake.
Handik ez oso urrun, alde zaharrean, Marques de Rozalejo Jauregiko ateak irekitzen dira auzoari eta hiriari gaztetxe berrira ongietorria emateko. Gaztetxe okupatu, hau da, gune aske batean garatu daitekeenak, hiritar umetuak nahiago dituen sistemaren neurrira diseinatutako instituzioetatik, bihotz onez bada ere, gazteriari eta auzoari eskaini dakiokeen espazio sasi-autogestionatu eredu oro gainditzen du. Atzeko hamarkadei begira, nik uste garbia dela gaztetxerik gabe Euskal Herria desberdina izango zela. Edo alderantziz, beste toki batzuen igualagoa, igualegia.
Bi proiektuak dira legez kanpokoak, eta horrela behar dute izan beren izaera ez galtzeko. Biak daude momentu honetan arriskuan. Babestea merezi du. | news |
argia-7ddd1e6779d5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/jose-ignacio-agorreta.html | Badoan munduari begira | Xabier Gantzarain | 2017-09-17 | Badoan munduari begira
Ez du hitzaren makulurik behar, ez du makulurik nahi bere lanarentzat Jose Ignacio Agorreta Beaumontek (Iruñea, 1963ko irailaren 2a). Udara honetan Iruñeko Ziudadelan eduki duen erakusketan, bere lanek ez daramate izenbururik, ezta "izenbururik gabe" ere, ezer ez. Lana bere biluzian bada nahikoa zirraragarri, iradokor. Katalogoan ere testu gutxi dator, teoria arranditsu eta epatanterik gabe, eta hala ere, edo horrexegatik, badoan munduaren zuztarrak bezain sakon.
Oso gauza zaila lortzen du artistak: objektuak, etxeak eta bizitzak baltsamatu dituen hautsa erakustea pinturaren bidez
Pello Lizarralderenak dira katalogoko hitzok: "Denak joan ziren, eta ez dago itzul daitezkeela uste duenik. Batzuei hondamen nabarmenak, horma eta teilatu lurreratuek eragozten diete itzultzea; besteei hautsak, betiko tokian utzi zituzten objektu haiek baltsamatu dituenak". Ez alferrik, aukeratu izan ditu Pello Lizarraldek bere liburuen azaletarako Agorretaren lanak.
Oso gauza zaila lortzen du artistak: objektuak, etxeak eta bizitzak baltsamatu dituen hautsa erakustea pinturaren bidez. Argia bera ere hauskara da koadroetan, hondamen eta abandonuaren giroa ekartzen du maisuki koadroetara. Eroritako etxeak, abandonatuak, armairu hutsak, gela hutsak, sukalde hutsak… Geratu diren objektuak pintatuz erakusten du ausentzia, falta dena, joan dena, berriro itzuliko ez dena.
Alberto Barandiaranek aipatu zuen Berria ko artikulu batean : "Agorretak bizi isila irudikatu du gela huts hauetan: goiz arrunt bat; arratsalde aspergarri batek utzitako giroa; ezerezaren osteko lasaitasuna. Gerta zitekeenaren nostalgia irakurtzen da mihiseetan, iradokitzen diguna gauza hurbilenetan denborak utzitako arrastoan egon daitekeela gure memoria: pareta higatuan, aulki abandonatuan, leiho ondoko errezela urratuan, harri pilatan".
Ikuslearen memoria pizten duten lanak dira Agorretarenak. | news |
argia-b4b0167d7576 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/enplegurako-zentro-bereziak-gureak-katealegaia.html | Gizarteari ez ezik, ekonomiari ekarpena egiten dioten enpresak | Mikel Asurmendi | 2017-09-17 | Gizarteari ez ezik, ekonomiari ekarpena egiten dioten enpresak
Gureak edota KateaLegaia (KL) enpresetako langileen mundua ezagutzen al du jendarteak? Euren lana ezagutua al da? Euren lan baldintzak eta ekarpenak? Ia 7.000 langile ari dira Gipuzkoan. Gureak-eko Iñigo Oyarzabal eta KLko Pablo Nuñez zuzendari orokorrekin mintzatu gara, baita bi enpresa hauetako hainbat ordezkari sindikalekin ere.
Gureak enpresa 1975ean eratu zen Gipuzkoan, desgaitasunak dituzten pertsonentzat lan aukerak sortu aldera, desgaitasun intelektuala dutenei lehentasuna emanez. Iñigo Oyarzabal da Gureakeko zuzendari orokorra: "Lanpostuak sortzeko eta gestionatzeko, dibertsifikazioa eta sostengarritasuna klabeak dira". Gureakek etekinak ditu eta guztiak enpresan bertan inbertitzen ditu, ez baita irabazi asmoko enpresa. Horixe da bere bermea lanpostuak iraunkorki mantentzeko: "Guk sostengu gehien behar duten pertsonen alde lan egiten dugu", gehitu du Oyarzabalek.
Gureaken gune nagusia Donostian dago, instalazioak ikusgarriak dira: zuzendaritza, administrazioa eta marketina daude. 700 langilerentzako bi tailer ere bertan ditu. 5.500 langile dira guztira Gipuzkoan. Lurraldeko enpresa handienetakoa. Industrian eman zuen lehen urratsa, lantokiak etxetik hurbil ezarriz. Eskualde guztietan badago tailer industrial bat egun. Gureaken ikonografiak ederki islatzen du bere izana, bere "bolatxoak" berezigarriak dira lurraldean. 1987az geroztik eremu berriak zabaldu zituen, Marketina, Zerbitzuak eta Itinerary deituak.
Lanbideak esparruz esparru
Gureakek tailer propioak sortu ditu eta teknologiak garatu: "Industrian muntaian ari gara, desgaitasun intelektuala dutenak lanean integratuz bestelako desgaitasunak dituzten pertsonekin. Gureakek materiala erosi eta produktu osoaren eraldaketa egiten du: plastikoa, kableatua eta elektronikoarena. Ekoizpenaren kontzeptu integralaren partea saltzen du. Modu honetan, automozioa bezalako puntako sektoreetan lehiatzen gara. Adibidea jartzeagatik, egungo Volkswagen Golf edo Passat-ak Gureaken egindako kableatua daramate euren faroetan".
Ostalaritzan, gasolindegian, lorezaintzan, garbitegia industrialean ari dira, baita kafe makinen (Vending) zerbitzuan ere. Gureakek zerbitzuen sektorera 1990ko hamarkadan jauzi ikusgarria eman zuen: "Langilea gure pareten artetik kalera ateratzea eta jendartea sentsibilizatzea lortu genuen, aldaketa izugarria izan zen. Lana dibertsifikatu ahala lanpostu ezberdinak sortu ditugu, pertsonen gaitasunaren araberakoak.
80ko hamarkadan tailerrez harago hasi zen lehen aktibitatea marketinekoa izan zen. Garaiko aurrezki kutxen komunikazioan ardura hartu zen orduan: bezeroen kontuen laburpenen inpresioa, gutunak azalean sartzea, datu baseen tratamendua bidalketa… "Orduz geroztik goitik behera eraldatu da merkatu hau eta Gureaken berritu eta egokitzeko aukera baliatu dugu marketina online edo contact centerren garapenean ere desgaitasuna duten pertsonekin aktibitate berriak zabalduz".
"Gure bezeroa zein da? Pertsonak. Eta pertsonok enplegua izateko lan ibilbide bat gauzatzea ezinbestekoa da. Esparru berri horri berezko izena eman diogu: Itirenary. Pertsona batek lana eskatzen duenetik gure bide guztiak ditu urratzeko, gure barne bezeroa da: langile eta pertsona". Beste hiru esparruei balore bera ematen diete, horregatik Itineraryren garrantzia. Orientaziotik, formakuntza eta egokitzapenetara Itinerary da Gureaken ardatza eta pertsonen ibilbidea bermatzen duena".
Giza taldearen osaketa eta eredua
Enplegu zentro berezi batean lan egiteko, pertsonari desgaitasunaren %33 onartu behar zaio. Diputazioak egiten du azterketa fisikoa, intelektuala, sentsoriala edota ikusmenarena. Gureak-en 1.495 lagunek desgaitasun intelektuala dute. 1.357k desgaitasun fisikoa. 1.026k eritasun mentala. 901k desgaitasun sentsoriala. Desgaitasun gabekoak 358 dira. Gureaken lan egiteko hori da ziurtagiria: "Hasieratik euren desgaitasun ziurtagiria gorde eta pertsona bakoitzaren gaitasunak hartzen ditugu aintzat. Sail dibertsifikatuak ditugunez, aukera gehiago dugu pertsona bakoitzak, bere gaitasun eta nahien arabera, lan eremu diferentetan leku har dezan". Industriatik zerbitzuetara emandako urratsa berebizikoa izan zen, marketinak lagundurik. Gureaken ibilbidea ikaspen bidea izan da oroz gain".
Jendartearen pertzepzioa
2007ko krisiaren ondoren jendartean pertzepzio okerra zabaldu omen zen enplegu bereziko zentroen inguruan: "Konpetentzia desleialaz hitz egiten hasi zen. Gipuzkoako beste enpresen arazoa ez zen Gureak, ez zutela saltzen baizik. Guk geure irizpideak garbiak ditugu. Laguntzak ditugula? Bai. Baina zerga zuzenetan bakarrik diru publikotik jasotzen duguna baino gehiago bueltatzen diogu gizarteari. Are gehiago, honelako zentro bat edonork munta dezake, edozeinek hartzen ahal du diskriminazio positiboaren bidea eta pertsonak desgaituak enplegatu".
Iñigo Oyarzabal (Gureak):
"Lanpostuak sortzeko eta gestionatzeko, dibertsifikazioa eta sostengarritasuna klabeak dira, biak dira garapen ebolutiboaren ardatza"
Oyarzabalek horrela jarraitzen du: "Elementu distortsionatzailea beste bat da: pertsona hauek enplegu arruntean izan behar lukete lanean, enpresa normaletan. Guk hori lantzen dugu, iaz 47 pertsona enplegatu ziren enpresa arruntetan, baina hor desabantailan aritzen gara beti. Guk gure enpresako langileak enplegu arruntera pasatzea nahi dugu, legeak aurreikusitako trantsitua betez. Baina, desgaitasuna duten pertsonek oraindik laguntza behar ohi dute. Gureak taldearen xedea enplegagarritasunaren garapena ziurtatzea da: lan okupazionala egitetik enplegura pasatzea, kategoria profesionalean igotzea. Enpresa arruntek behar lukete eman gure enpresak eskaintzen duen laguntza adina".
Enpleguaren kalitatea
Nork erabakitzen du enplegu bat kalitatekoa den? Pertsona bakoitzak erabakitzen du –Gureak-eko zuzendariaren hitzak dira–. Badaude tailerretan ziur eta kontent sentitzen direnak, eta ez dute nahi zerbitzuetara edo enplegu arruntetara joan. Beren tailerrean egon nahi dute, beraz, hori erabaki pertsonala da. Aukera hori behar du pertsona orok, baita desgaitasunen bat duenak ere. Gureaken Itineraryren garrantzia berealdikoa da horregatik. Pertsona bat Gureaken sartzen denetik ikastaroak egiten ditu, arlo industrialean ari da, gero nahi badu jardineritzan aritu, bada saiatuko gara hara aldatzen. Ibilbidea lantzea da kontua. Desgaitasunen bat duten pertsonen garapena eta merkatuaren lehiakortasuna aldi berean bermatu daitezkeela erakusten dugu egunero. 'Karitatea' iraganeko kontua da. Bestela ez ginateke Audi kotxeen piezak egiten arituko. Gu ere merkatuan dagoen kalitate zerbitzua eta lehiakortasunaren arabera ari gara, bestela ez dugu iraunen".
Badakigu zer den Gureak?
"Jendea heldu da egoitza nagusi honetara, eta harrituta esaten du, 'Hara, honelakorik ez nuen imajinatzen ere'". Haatik, gipuzkoar gizarteari proiektua ondo transmititzeko lana egiten dutela diote. Estigma handia da oraindik ere. Orain 40 urte etxean ezkutuan zeuden Down sindromedunek, egun tokiko ekonomian berebiziko lekua hartu dute. Jauzi kualitatibo izugarria eman da, pertsona horientzat beraientzat hasteko, eta oro har, gizartearentzako. Hau irudikatu aldera: Gipuzkoako biztanle aktiboaren %1a goizeko jaikitzen da Gureakeko aktibitate batera lanera joateko: "Aldaketa hau lekuko administrazioarekin batera enpresa arlotik egin dugun lanaren ondorioa da. Hau guztia euskal inklusio eredu propioa bilakatu da. Europan erreferente den eredu bat eta Euskal Autonomi Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen langabezi tasa Estatukoaren erdia izatea arrazoitzen duena (EAEkoa %15,9ko tasa da, Estatuko %31ren aldean".
KateaLegaia (KL) enpresa: 940 langile
KL enpresak Hernanin dauka lantegi nagusia, eta 12 tailer lurraldeko eskualdeetan. Orain 30 urte luze sortu zen: tokian tokiko ekimenak ziren, independenteak, ekimen pertsonalei lotuak, udalei eta parrokiei, eta bereziki desgaitasun fisikoari. Pablo Nuñez da KLko zuzendari orokorra: "Katea eta Legaia bi talde ziren hasieran. Horrek adierazten du herriz herri eta herritik sortuz joan direla. Denbora joan ahala, fusionatzen joan dira. Helburua lan mundutik at geratzen diren pertsonen inklusioa da, gehien behar dutenenak. Izan ere, arriskuan dagoen pertsona hauei enplegua aukerak bilatzea, lan kalitatezkoa eskaintzea ez da lantegi samurra". Hala ere, hauek dira beren puntu indartsuak: "Irabazi asmorik gabeko erakundea gara, dena inbertitzen dugu geroari begira, eta jabegoa langileena da. Horixe da gure berezitasuna eta enpresaren sostengarritasunaren berme nagusia".
940 langileetatik 605 bazkide edo akzionistak dira. Kapitala berreskuragarria dute. KL aktibitate industrialean nabarmena da. Indarra gero eta handiagoa lortzen ari da. Bere bezeroak goi-mailako enpresak dira. Zerbitzu integrala eskaintzen dute Gipuzkoa osoan: "Enplegatuta dauden 940 pertsonez beste, guk formazioa, orientazioa eta destinoa lantzen dugu, insertzio itirenarioan. Bai gurean edo enplegu arruntean enplegatzeko. Uneon 50 laguni ari gatzaizkio segimendua egiten, ez dira gure enpresakoak, baina formazio horren barruan laguntza jasotzen dute integratzeko", dio Pablo Nuñezek.
Pablo Nuñez (KL): "Enpresa hauen arrakasta kolaborazio publiko eta pribatuaren ondorioa izan da, EAEko administrazioa, instituzio eta enpresaren artekoa"
Desgaitasuna duten pertsonak 900 dira. Haien artean, desgaitasun larrikoak 334, eritasun mentala dutenak bereziki. Desgaitasun egiaztagiririk gabekoak 40 lagun baino ez dira, %96k dauka ziurtagiria. Ez da ohikoa, hain handia den enpresa batean, portzentajea hain altua izatea.
KLko diru sarreren %80 bezeroei egindako lanetatik dator. Laguntza %20 da. "Laguntza horiengatik itzultzen dena ongi neurtzen dugu. 2010ean, KLk jaso zuen euro bakoitzeko 3,33 euro itzuli zizkion gizarteari ekonomikoki, zergen bitartez eta pentsioen bidez". KL puntakoa enpresa da. Lurraldearen sostengarritasunean ehun industriala laguntzen du eta bere balore sozialak eta kohesio sendoa ezagunak dira.
Gureak eta KL: bat egiten ikasi dute
Gureak eta KL jendartearen bilakabidean bereiz osatuz joan diren enpresak dira. Atzegi –Gureaken aitzindaria– desgaitasun intelektuala lantzen hasi zen tokian toki: "Bi enpresek misio bera dugu. Bereiz aritu arren jakin dugu bat egiten, herri mailan, erabaki global eta orokorretan gure ikuspegiak eta erabakiak bat datoz, harreman ona dugu helburuak erdiesteko".
2007ko krisiak mina egin zion KLri. 2008an, artean, inork ez zuen krisia aipatzen, baina gure fakturazioak %30 behera egin zuen. "KL denona izateak lagundu zuen egoera gainditzen. Neurriak hartu genituen, murrizketa drastikoak egin gabe, ERE (Enplegua Erregulatzeko Espedientea) bat tarteko, denontzat. Hondoratu gabe, sufrituz, egoera iragan genuen duintasunez eta elkartasunez, ez genuen salbuespenezko 'laguntzarik' jaso. Erabaki konplikatuak hartu genituen, konprometituak. Hori da besteekiko ezberdintzen gaituena. Irizpideak partekatu eta erabakiak elkarrekin hartzen ditugu, irabazi bai baina onurei etekin eta probetxu atereaz, horrek adierazten du garena, hori da gure indarra eta garai latzetan, gakoa".
Pablo Nuñezen hitzetan, enpresa hauen arrakasta kolaborazio publiko eta pribatuaren ondorioa izan da, EAEko administrazioa, instituzio eta enpresaren artekoa: "Tailer bakanak zirenak kontzentratzen joan gara, indarra hartzen. Industria-sareaz ikasten, kontzientzia hartu dugu, baina enpresa arruntak ere jakin izan du gure funtzioa ulertzen. Horrek ekarri gaitu –inklusiorako euskal ereduari esker– Europa mailako ratioen puntara, enplegu tasa eta kohesio soziala lortu daitezkeela erakutsi dugu". | news |
argia-e1992f70e1c8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/hanna-lantto-hizkuntzalaria.html | "Bereziki interesatzen zait hiztunek nola eraikitzen duten Bilboko euskara informala" | Jabi Zabala | 2017-09-17 | "Bereziki interesatzen zait hiztunek nola eraikitzen duten Bilboko euskara informala"
Helsinkin bizi da Hanna Lantto (Iisalmi, Finlandia, 1981), baina ia urtero Euskal Herrira etorri eta bizpahiru hilabete eman ohi ditu gurean. Euskararekiko jakingura 2000. urtean piztu zitzaion eta, ondoren ezagutza, erabilera eta ikerketa etorri ziren. Euskaldunon hizkuntza ohituren behatzaile, duela bi urte doktorego tesia egin zuen euskañol-aren gainean eta, egun, hiztun berriak aktibo bihurtzeko prozesua ikertzen ari da.
Nolatan hasi zinen euskara ikasten, eta nolakoa izan da zure ibilbidea euskaran?
Hispaniar filologia ikasten ari nintzen 2000. urtean Helsinkin. Nire katedradunak euskaraz bazekien eta lehenengo ikasturtean ikastaro txiki bat eman zigun. Metodo bereziak zituen hark, buruz ikasarazi baitzigun Aita Gurea. Ulertu gabe ere, euskararen soinua gustatu zitzaidan. Aurretik banuen euskararen berri, izan ere, Finlandian, unibertsitatean sartzeko azterketan linguistika ikasi beharra dagoela eta, euskara ageri zen ikasgaian, hizkuntza irla delako eta egitura interesgarriak dituelako.
Ordurako poliglota zinen. Zenbat hizkuntza dakizu?
Hizkuntza askoren oinarrizko ezagutza dut, baina bederatzi menperatzen ditut. Hala ere, guztiak ez daude aktibatuta aldi berean. Adibidez, portugesaren C2 azterketa egin dut, baina oraintxe norbaitekin hitz egiteko beroketa beharko nuke. Egunero bost hizkuntza erabiltzen ditut orain: gaztelania, euskara, ingelesa... Etxean suomiera eta estoniera erabiltzen ditut, senarra estoniarra dudalako.
Zerk erakarri zintuen euskarara hurbiltzeko?
Soinua gustatu zitzaidan, fonologia, eta batez ere eraikuntza, aditz laguntzailearen sistema, ergatiboa. Badira gustatzen zaizkidan hitz eta izen batzuk: baserritarra, Larrabasterra... Hizkuntza minorizatuak beti interesatu zaizkit, unibertsitateko nire lehenengo urtean uraldar hizkuntzak ikasi nituen eta euskara, horiek bezala, ez da indoeuroparra.
Finlandiera ere ez da indoeuroparra baina ez dago bakarrik.
Bai, uraldar hizkuntzen multzokoa da suomiera edo finlandiera, estoniera, eta hungariera dira ezagunenak baina Errusian uraldar hizkuntza asko daude. Laponiako samiera hizkuntzak ere familia horretakoak dira.
Bilboaldeko euskaldunen code switching edo euskañol -a ikertu zenuen doktorego tesian.
Sailkapen asko daude eta kode alternantziaren inguruan eztabaidak daude funtzio pragmatikoak izan behar dituen edo ez. Niretzat zabala da kontzeptua, agian ezin izango dut hori zientifikoki justifikatu baina niri gehiago interesatzen zait hizkuntzan gertatzen dena, eztabaida terminologiko horiek baino; adibidez, bilbotarrek nolako elementuak erabiltzen dituzten erdaratik hartuta. Diskurtsoaren markatzaileak ia beti erdaraz dira: eske , aber , osea ... gaztelania pragmatikoki hizkuntza gailena delako. Batzuek diote hori kode alternantzia ez dela, baina... Hitz arruntak eta gordinak ere erdaratik hartuta erabiltzen dira.
Tesian Arratiako eta Bilboaldeko euskañol -ak alderatu zenituen?
Ez, euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak alderatu nituen. Arratiako euskaldunek code switching gehiago egiten zutela konturatu nintzen. Bilboaldean bizi diren euskaldun zahar asko ez dira jatorriz bilbotarrak, eta Bilbon ere gehiago erabiltzen dute code switching hori euskaldun berriek baino. Hiztun berriek, aldiz, gehiago bereizten dute noiz ari diren erdaraz eta noiz euskaraz. Zaharrek ez bezala, agian uste dute euskañol -a erabiliz gero jendeak pentsatuko duela ez dakitela euskaraz ondo. Hiztun zaharrek hizkuntzaren autoritatea sentitzen dute, kode alternantzia egin arren inork ez duela zalantzan jarriko euren euskalduntasuna.
Zerbaiten adierazle da code switching hori, diglosiaren testuinguruan?
Egoera arruntetan askoz gehiago egiten da kode alternantzia. Akaso gaztelaniaren nagusitasunaren adierazle da, azken finean Bilbon jendeak euskaraz ari denean egiten baitu euskañol -a. Euskara informala elebiduna da eta gaztelania informala, aldiz, elebakarra. Leku euskaldunago batzuetan entzun dut kode alternantzia euskarara jendea gaztelaniaz ari denean.
Orain beste ikerketa bat duzu esku artean, beste ikerlari batzuekin batera.
Ezin dizut askorik aurreratu, baina jendea hiztun aktibo nola bihurtzen den ikertu nahi dugu. Adibidez, lagun askok euskaltegian ikasi arren gero ez dute erabiltzen, baina beste batzuek bai. Guri interesatzen zaigu nola batzuek ematen duten urrats hori, ikasleak izatetik nola pasatzen diren erabiltzaile aktiboak izatera, zer nolako prozesuak eta eraginak izan dituzten. Niri bereziki interesatzen zait hiztunek, batez ere batua ikasi dutenek, Bilboko euskara informala nola eraikitzen duten, horretarako kode alternantzia egiten duten, bizkaiera erabiltzen duten…
Zenbat Gara elkartea hartu duzu ikerketa gunetzat, zergatik?
Taldeak aurretik pentsatutako esparruetako bat zen eta niri toki oso aproposa iruditu zitzaidan ikertzeko. Kafe Antzokia nire Erasmus garaitik ezagutzen nuen, kontzertuengatik eta giro euskaldunagatik, baina ez nuen ezagutzen atzean zegoen guztia: Gabriel Aresti euskaltegia, irratia, argitaletxea... Bilbon bertan dago eta oso ondo integratzen ditu ikasleak. Euskaldunei, oso zahar zein oso berriei, euskararen mundua eskaintzen die, aktibatu egiten ditu. | news |
argia-dc9992c2b976 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/gizona-ala-emakumea-medikua.html | Gizona ala emakumea? Medikua | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-09-17 | Gizona ala emakumea? Medikua
Lurmutur Hiria (Hegoafrika), 1826. Britainiar Armadako zirujau James Barry erditze batean laguntzen ari zela, haurra kirurgia bidez ateratzea beste erremediorik ez zegoela konturatu zen. Zesarearik sekula egin gabea zen, eta aurrez soilik hiru kasu arrakastatsu irakurriak zituen (ama eta haurra bizirik atera ziren kasuak, alegia). Eta Barryk ere biak bizitzea lortu zuen. Horrenbestez, Afrikako eta Britainiar Inperio osoko lehen zesarea arrakastatsua egin zuen.
Horrez gain, higiene baldintza zorrotzagoak bultzatu zituen, gaixoen dieta hobetu zuen, eta landareetan oinarritutako sifilisaren eta gonokoziaren aurkako tratamenduak zabaldu zituen. Munduko toki askotan lan egin zuen eta ikuskari nagusi ere izendatu zuten; Britainiar Armadako bigarren medikuntza kargu garrantzitsuena lortu zuen horrela.
Lanean arduratsua eta bizkorra izanagatik, tratu zailekoa omen zen mediku irlandar ilegorria. Ezpata ia beti soinean, bizpahiru aldiz dueluan borrokatu zen armadako ofizialen aurka, eta Florence Nightingale erizaintzaren aitzindariarekin ere tirabira gogorrak izan zituen. "Basatien moduan jokatzen zuen", idatzi zuen hari buruz Nightingalek, "armadan sekula topatu dudan izakirik zailduena da". Eta, hala ere, bihozbera eta atsegina zen gaixoekin. Lurmutur Hiriko zesarea arrakastatsuaren ondoren, Wilhelmina Munnik amaren ondoan igaro omen zuen hurrengo egun osoa; semeari James Barry Munnik izena jarri zioten, esker onez.
1865ean hil zen, eta eskandalua jaio. Gorpua garbitzeaz arduratu zen neskameak esan zuen hildakoa "erabateko emakumea" zela (eta, sabelaldeko azalean ikusi zizkion ildoen arabera, erditu izan zela ere bai). Berriki, Michael du Preez medikua eta Jeremy Dronfield idazlea arduratu dira James Barryren lehen urteetako nondik norakoak ikertzeaz.
Margaret Ann Bulkley –horixe zuen jaiotzean ipini zioten izena– 1790eko hamarkadan jaio zen Irlandan; du Preezek eta Dronfieldek diote Cork izan zuela jaioterri eta, beste batzuen ustez, uhartearen beste muturrean jaio zen, Belfasten. Txikitan John anaiari esan omen zion: "Emakumea ez banintz, soldadua izango nintzateke". Eta aurrerago bokazioa medikuntzara aldatu zitzaion, baina horretarako ere emakumea ez izatea derrigorrezko eskakizuna zen. Alaba bat izan omen zuen, Juliana Bulkley, neskameak gorpuan ikusitako ildoak azalduko lituzkeena. James Barry artista (1741-1806) osaba omen zuen. Margolaria hil eta urte gutxira, 1809an, haren izena, dirua eta generoa erabili zituen Edinburgoko Unibertsitatean medikuntza ikasketak egiteko. 45 ikasletik bigarrena izan zen, eta hernia femoralari –nagusiki emakumeei eragiten dien arazoari– buruzko tesia osatu ondoren graduatu zen.
Margareten –edo Jamesen– hautua bokazioak ala genero identitateak bultzatu izan zuen eztabaidatu izan da, baina Michael du Preezen iritzian, eztabaida horrek medikuak egindako ekarpenak itzali ditu. Behin, Barryren heriotza ziurtagiria sinatu zuen D. R. McKinnon maiorrari haren generoari buruz galdetu zioten. "Ez dakit gizona, emakumea ala hermafrodita zen (...) dakidana da gorpua urte luzez ezagutu nuen ospitaleetako ikuskari nagusiarena zela". | news |
argia-8ca7cb21788a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/txiolari-euskaldunak.html | Komunitate trinko eta aktiboa | Onintza Irureta Azkune | 2017-09-17 | Komunitate trinko eta aktiboa
Euskal txiolariak euskaraz ari dira Twitterren, hizkuntza horretan egitea naturala zaielako. Euskaraz aritzeko arrazoi nagusia da, baina ez bakarra. Hizkuntzarekiko atxikimendua dute txiolariok eta euskara ikusgarri egitea nahi dute. Ondorio hori eta beste batzuk atera ditu Simón Setién Echeniquek master amaierako Euskara eta Twitter lanean.
Twitterrek hasieran izaera soziala zuen eta gaur egun berriz informazio izaera hartu du. Nolabait esatearren, espezializatu egin da sare sozial hori eta erabiltzaileek informazioa jasotzeko eta elkarbanatzeko erabiltzen dute. Txiolari euskaldunek gauza bera erantzun diote Setiéni, haien helburu nagusia informazioa dela. Besterik da ondoriozta dezakegula nahi duten informazioa euskaraz aurkitzen eta elkarbanatzen moldatzen direla. Hau da, euskararen erabilera ez da arrazoi nagusi bat kontu bat jarraitzerako orduan.
Euskal txiolariak euskaraz ari dira ordea Twitterren (baita beste hainbat hizkuntzatan ere, eleanitzak baitira), eta Setiének galdetu die ea zergatik egiten duten euskaraz. Erantzun nagusia da euskaraz ari direla naturala egiten zaielako. Alabaina, ez da ematen duten arrazoi bakarra, hizkuntzarekiko atxikimendua, harrotasuna eta hizkuntzari ikusgarritasuna ematea ere aipatu dituzte.
Kalean, gizartean, gertatzen den bezala ezagutzak ez dakar erabilera automatikoki sare sozialetan. Euskara natural ateratzen zaiela diote euskal txiolariek eta euskararen aldeko konpromisoagatik ere egiten dute. Euskaraz gutxi edo oso gutxi egiten dutenak ere badira, ordea.
Setiénen ustez, txiolarien euskal komunitate trinko eta aktiboa dagoela esan daiteke, nahiz eta egia den azken urteotan erabiltzaile aktibo kopuruak behera egin duela. Setiének azpimarratu du komunitate hori ikusgarri egiten asko lagundu dutela Umap eta Indigenous tweets webguneek. Code Syntaxek garatutako Umap tresnak euskaraz ari diren txiolarien datuak ematen ditu. 2016ko datuen arabera, 15.000 txiolari ari dira euskaraz. Indigenous tweets webgunea AEBetako Informatikako irakasle batek sortu zuen, Kevin Scannellek. 170 hizkuntza gutxiagotu aukeratu eta Twitterreko mugimenduen berri ematen du. Sailkapen horretan euskara aurrena dago.
342 galdetegi eta sei elkarrizketa
Setiének argi utzi nahi izan du Euskara eta Twitter lanak ez duela euskal komunitate osoaren argazki zehatza azaltzen. 342 erabiltzaileri galdetegia pasa die. 112 emakumeak ziren, 227 gizonak eta hiru beste genero batekoak. Partaideen %72,5ak euskara du lehen hizkuntza, %42k gaztelania, eta %0,6k frantsesa. Erabiltzaileen %49,4k adierazi du Twitterren euskara erabiltzen duela %75 eta 100 bitartean; %28,4k %50-75 bitartean; eta %12k %15-50 bitartean. Bestalde, %57k adierazi du bizitzako esparru guztietan erabiltzen duela euskara.
Galdetegiaz gain elkarrizketa erabili du Setiének informazioa lortzeko. Sei elkarrizketa egin ditu, lau gizonezkori eta bi emakumezkori. 16 eta 54 urte artekoak denak. Hiru irizpide hartu ditu seiak aukeratzerakoan: jarraitzaile kopurua, euskararen erabilera eta txio kopurua.
Euskara eta Twitter Eleaniztasuna eta Hezkuntza master amaierako lana ekainean bukatu zuen Setiének. Azpimarratu du Twitter eta euskara edo Twitter eta hizkuntza gutxiagotuak lantzen dituen ikerketa akademikorik apenas aurkitu duela eta gai horiek sozializatzea garrantzitsua dela. | news |
argia-c70f4d6b1953 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/irakurleak-galdezka.html | Irakurleak galdezka | Jakoba Errekondo | 2017-09-17 | Irakurleak galdezka
Kaixo! Baratzea argazkiko belar txarrarekin josita daukagu. Zer da? Ba al dago baratzetik kentzeko modurik? Ahal duzunean erantzuterik izango bazenu eskertuko nizuke.
Asier Altuna (Azkoitia)
Kaixo Asier. Sabia izango dela uste dut, Amaranthus retroflexus . Agian bere generoko besteren bat, Amaranthus hybridus , adibidez.
Ezagutzen ez ditugun lurretan landare hauek txartzat ditugu. Ameriketatik ekarritakoak dira. Jangarriak dira, bai bere hostajea, berria denean, eta haziak ere bai. Kentzeko moztu eta moztu. Eta hurrengo ilgoran ere moztu. | news |
argia-7972cbac8ab6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/esther-vivas.html | "Aniztasunaren lilura gisako batean bizi gara, baina gure elikadura gero eta homogeneoagoa da" | Saioa Baleztena | 2017-09-17 | "Aniztasunaren lilura gisako batean bizi gara, baina gure elikadura gero eta homogeneoagoa da"
Esther Vivas (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1975) aspaldi hasi zen elikagaien industriaren zirrikituetan murgiltzen. Hainbat urteko ikerketaren harira gogorarazten dizkigu gizartean erabat barneratuta dauden praktiken arriskuak. Horretaz mintzo da, hain zuzen ere, 2014an argitaratu zuen El negocio de la comida (Janariaren negozioa) liburuan. Iragan apirilean liburuaren hirugarren edizioa atera zuen.
Liburuak sekulako harrera izan du. Emaitzarekin pozik?
Liburuaren lehen edizioa kaleratu nuenean inpaktu positiboa izan zuen. Pozik nago, liburua nekazaritzako elikagaien industria ereduaren azterketa sakon baten ondorioa delako, alegia, urte askoko lanarena. Argi dago gai honek geroz eta jende gehiagoren interesa pizten duela.
Zenbateraino aldatu da egoera liburuaren lehen edizioa 2014an argitaratu zenuenetik?
Zoritxarrez, ez asko. Egoera hobetzeko aurreikuspenak ere ez ziren oso baikorrak. Enpresa handien esku dagoen elikadura eredu bat dugu, hainbat gobernuren sostengua izan duena. Beraz, herritarren mobilizazioak eta egoeraren kontzientzia hartzeak soilik ahalbidetu dezakete aldaketaren bat sistema horretan. Are gehiago, nekazaritza elikagaien ereduaren alternatibak proposatzen dira gizarte zibilaren mobilizazioak erakundeen erabakietan eragin nahi duelako. Azken finean, gure eskakizunek harrera hobea izango dute erakundeetan dauden gobernuen siglen arabera.
"Errazagoa da elikagaiak zakarretan bukatzea gure sabelean baino"
Nola uler daiteke historikoki elikagai gehien ekoizten diren une berean egotea gose tasarik handienak?
Funtsean elikadura negozio bilakatu delako, jatea oinarrizko eskubidea bada ere. Eskubide hori merkaturatu egin da, nekazaritza-industriaren multinazional gutxiren negozio bilakatuz. Ondorioz, enpresa gutxi horiek dute nekazaritza elikagaien industriaren kontrola eta, noski, euren interes ekonomikoak eta zekentasuna lehenesten dituzte, gosez hiltzen ari direnen beharren gainetik. Horrela, errazagoa da ekoizten diren elikagaiak zakarretan bukatzea gure sabelean baino.
Zure liburuan kritika gogorra egiten diozu elikagaien itzalean ezkutatzen den merkatuari.
Bai, eta larriena da enpresa handi horiek baldintzatzen dutela guk ondoren merkatuan erosiko dugun produktuaren prezioa, baita ekoizleek euren lana egiteagatik izango duten ordainsaria ere. Ondorioz, nekazariek geroz eta diru gutxiago jasotzen dute saltzen dituzten produktuen truke, geroz eta garestiago ordaintzen ditugun bitartean. Multinazionalek kontrolatzen dute ekoizle, nekazari eta kontsumitzailearen artean dagoen inbutua eta, kontuan hartuta gure erosketen %80 egiten dela supermerkatuetan, ondorioak oso larriak dira.
Joera honek eraginik izan du bertako elikagaiak lehenetsi ordez kanpokoak ekartzeko?
Ehun-ekoizpena deskokatu den bezala, elikagaien ereduan ere fenomeno berdina gertatu da. Enpresa handiak kanpoaldeko herrialdeen lan prekarietateaz baliatzen dira, salneurri arras merkean ekoiztu eta produktuak hemen prezio lehiakorrean salduz. Eta, beraz, supermerkatuek pisu handia dute jaten duguna nondik datorren erabakitzeko, baita nekazaritza txirotzeko ere.
(Argazkia: Jordi Borràs)
Arriskuan al daude geure elikagaiak?
Arriskua ez, egitatea da. FAO Nekazaritza eta Elikaduraren Erakundearen arabera, XX. mendean desagertu zen elikagaien aniztasunaren %75. Eta gurea ez da salbuespena izan. Supermerkatura joan eta aukera gutxi ikusten dituzu iceberg letxugatik haratago, adibidez. Aniztasunaren lilura gisako batean bizi gara, eta aldiz, gure elikadura geroz eta homogeneoagoa da. Ez hori bakarrik, enpresa handien apustua da errentagarriagoak, eta ondorioz, artifizialagoak diren laboreak ekoiztea. Beraz, beste behin, merkatuaren logika inposatzen da landatutako produktuaren gainetik. Adibide gisa, mundu zabalean ekoizten den arrozaren %95 bost motatakoa baino ez da.
Elikagaien pribatizazioa Iraultza Berdeak eragin omen zuen.
Nekazaritzan eta ingurugiroan inpaktu oso negatiboak eragin zituen fenomenoa izan zen Iraultza Berdea. Ez zen iraultza, ezta berdea ere. Aurrekariak 40 eta 50eko hamarkadetan dituen arren, Iraultza Berdea 60ko hamarkadan Ford eta Rockefeller Fundazioek, AEBetako Gobernuaren laguntzarekin, ekoizpenaren kopurua handitzeko asmoz sustatu zuten fenomenoa izan zen. Munduko gosearekin amaitzeko eslogana zuen, nekazaritza modernizatu eta produktiboago egiteko politikak sustatuz. Baina fenomeno horren atzean dagoena da baliabide naturalak pribatizatu eta nekazaritza enpresa gutxiren esku uzteko apustua.
"FAO erakundearen arabera, XX. mendean desagertu zen elikagaien aniztasunaren %75"
Kontsumo kritikoaren inguruan ez al dago gizartean desinformazio handia?
Baikorra naiz horrekiko. Uste baitut geroz eta jende gehiagok duela interesa kontsumo kritikoan. Azken finean, osasuntsu bizi nahi dugu, eta geroz eta informazio gehiago dugu elikagaiak behar bezala aukeratzeko. Horregatik, gehiago dira gaur egun janari ekologikoa kontsumitzen dutenak. Goraka doan merkatu sektorea da janari ekologikoarena. Joera hori oso interesgarria da, baina erronka kontsumo kritikoaren joera politizatzea da. Urrats hori ematen ez badugu gerta daiteke –dagoeneko gertatzen hasi da–, elikagai ekologikoen merkatuan eredu konbentzionalean kritikatzen dugun hori onartzea. "Eko" etiketaz haratago, hurbiltasuneko etiketaren garrantzia aldarrikatu behar da.
Elikadura eredu komertzialaren krisiak badu irtenbiderik?
Noski, egoera aldatu daiteke. Horretarako ezinbestekoa da batetik, gizarte mugimenduak aspalditik elikadura burujabetzaren alde sustatu duen borrokaren jarraipena, eta noski, nahimen politikoa. Izan ere gaur egun lehen eta bigarren mailako elikagaiak daude, eta logikoena da erakunde publikoek lan egitea elikagaiak hiritar guztien sabeletara iristeko. Hori bai, asko dago egiteko oraindik.
Zeintzuk lirateke zure ustez erakunde publikoek hartu beharko lituzketen funtsezko neurriak?
Hasteko, eta ekoizpenari dagokionez, lur eremuak nekazarientzat eskuragarri jartzea. Era berean, ekoizle txikiei erraztasun handiagoa ematea ezinbestekoa da, produktuak merkaturatu ahal izateko. Noski, elikadura konbentzionalak geure osasunean dituen inpaktu negatiboez informatzeko politika argien beharra dago, eta azkenik, legez behartzea erakunde publikoetako jangela guztietan kontsumo kritikoa sustatzen duen elikadura.
"Erronka kontsumo kritikoa politizatzea da, bestela gerta daiteke –gertatzen hasi da– merkatu konbentzionalean kritikatzen duguna ekologikoak ere onartzea. 'Eko' etiketaz haratago, hurbiltasuneko etiketaren garrantzia aldarrikatu behar da"
Globalizazioaren eragina bizitzako alor guztietara iritsi da. Zuk diozu erditzea ere industrializatu egin dela. Zer erran nahi duzu?
Sistema kapitalistak merkaturatzen ditu gure bizitzaren alor guztiak; elikaduratik hasi eta erditzeraino. Ondorioz, azkenaldian sistema kapitalista eta patriarkalak sekulako eragina izan du emakumeen erditzean ere. Emakumeok hainbeste aldarrikatzen dugun erabakitzeko eskubidea, erditzen garenean ospitaleko ateetan gelditzen da, zoritxarrez. Adibide gisa, ezin dugu erabaki nola erditu edo nor egon daitekeen erditzearen unean.
Eraso obstetrikoaren arriskua salatzen duzu.
Noski, genero erasoaren azken mugetako bat baita eta, zoritxarrez, gizartean erabat barneratuta dagoena. Biolentzia obstetrikoa izan daiteke psikologikoa; emakumea erditzean gutxietsiz; edo fisikoa, beharrezkoak ez diren zesareen bitartez, edo episiotomiaren gisako hainbat praktikaren bitartez egunero gauzatzen dena. Gogorra da, baina erditzea bezalako ekintza natural bat gaixotasun bilakatu dute. Eta okerrena da emakumeok praktika horien aurrean ez dugula hitzik. Horretan ere asko dago egiteko. Datuak beldurgarriak dira: Espainian emakumeen %25 zesarea bitartez erditzen da. Hala ere datuak aldatu egiten dira lurraldearen arabera. Euskal Herriko zenbakiak dira baxuenak, erditzen diren emakumeen %15,1eri egiten diete zesarea.
Amaitu aurretik ezin politikaz solastatu gabe pasa. Urriaren 1erako aurreikusita dago Kataluniako autodeterminazio erreferenduma. Egingo da?
Tira, Kataluniako Gobernuaren borondate politikoaren araberakoa izango da erantzuna. Zalantzarik gabe, Espainiako legedia desobeditzeko irmotasuna mantentzen badu, egingo da. Ikusi beharko da, baina, noraino iristeko gai diren. Gizarte zibilaren ardura izango da Gobernua norabide horretan estutzea.
Espainiako Gobernuaren presioak ez du erreferenduma baldintzatuko, orduan?
Bai, noski, haren errepresioa noraino iritsiko den ere ikusi beharko da. Baina, orain arteko joera errepikatzen bada, Espainiako Gobernutik zenbat eta presio gehiago iritsi, orduan eta elkartasun handiagoa izan du independentismoak.
Zer deritzozu Generalitatak hilabete hauetan egin duen lanari?
Ikusi duguna da Generalitataren estrategian alderdi interesek pisu handia dutela, eta beraz, Junts pel Sí-k erreferendumarekin hartu zuen konpromisoan sigi-sagak egin dituela. Duela gutxi entzun genuen David Bonvehí, PDCateko bigarren zerrendaburuak esaten zuela, erreferendumaren emaitzen arabera PDCatek estrategia aldatuko zuela. Beraz, zalantza asko daudela esango nuke. Ikusi beharko da zerk duen pisu handiagoa, independentziak edo alderdi interesek.
Procés Constituent ekimeneko kide izan zinen. Porrot egindako egitasmoa izan da?
Tira, Procés Constituent egitasmo politiko berrien aitzindaria izan zela esango nuke. Politika egiteko bide berri bat eraikitzea posible izan da hari esker. Ekimen hark funtsezko eztabaida baten oinarriak josi zituen, hazia ereinez, gaur egun Kataluniako politikan erabakigarriak diren egitasmo politikoen sorrera ahalbidetzeko.
Katalunian agertoki berria marraztu da. Zeinen aldeko apustua egiten duzu, CUP-Crida Constituent edo sortzen ari den Catalunya en Comú egitasmoarekin?
Krisi ekonomikoak eragin zuen kontzientzia aldaketaren ondoren, ezinbestekoa zen mugimendu soziopolitiko berrien sorrera. Beraz, testuinguru horretan sortu ziren hautagaitza berriak ziren apusturik baliagarrienak, eta nik begi onez ikusten ditut herri hauteskundeetan Barcelona en Comú ekimena eta oraingo Catalunya en Comú ere. | news |
argia-0607293e255a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/parisko-azken-baserriek-ez-dute-hil-nahi-itota-alferrikako-hormigoitan.html | Parisko azken baserriek ez dute hil nahi itota alferrikako hormigoitan | Pello Zubiria Kamino | 2017-09-17 | Parisko azken baserriek ez dute hil nahi itota alferrikako hormigoitan
Paris inguruetan desafio itzela jokatzen da hilabeteotan. Alde batetik munduko bi enpresa talde indartsuenetakoak 3.100 milioi euroko negozioa errematatu nahian. Bestetik, 26.000 biztanleko Gonesse herria, hiriburuaren azpiegitura eta zerbitzuz dagoeneko gainezka egonik bere azken soro emankorretatik 300 hektarea gal ditzakeena, etxalde, nekazari eta guzti. Notre Dame des Landeseko ZADaren ondoan, apuntatu EuropaCity izena alferrikako proiektu erraldoien artean.
Paris handira hegazkinez hurbiltzen denak Roissy-Charles De Gaulle aireportu erraldoira, leihatilatik ikus ditzake inguruetako soro eta baratze zabalak. Hegazkinen pistak batetik –aldamenean dago bigarren aireportu bat, Le Bourget–, trenbide eta autopista sarea bestetik, alimaleko zentro komertzialak alde orotatik… Parisen ateetan 700 hektareatan oraindik garia, koltza, eguzki-lorea edo klase guztietako barazkiak ekoiztea ez ote da miraria?
Sorook ez dute luze iraun behar, hala ere, horietako 300 hektarea lur emankor desjabetu ondoren Euro Disney txiki utzi behar duen EuropaCity mega-parkea eraikitzea lortzen baldin badute 2024rako. Frantziako Estatuan gizarte mugimenduek Grands Projets Inutiles izendatu dituztenetan famatuena baldin bada Ar Naoned inguruko Notre Dame des Landesko aireportu proiektua, EuropaCity asmoak ez du meritu gutxiago kategoria berean sartzeko.
Egin kontu. 15 hektareatan parke tematikoa, ur, elur eta abentura parkez osatua. 5 hektareatan zirko egonkorra, ikuskizun sala, erakusketa, zinema zentroa eta kultur espazioa, gazteei zuzendua. 23 hektarea zentro komertzialetarako, bi gehiago jatetxez beteta, beste bi biltzar eta seminariotarako, 10 hektarea parke, 7 gehiagotan hiri baratzeak –benetako ortuak betonez suntsitu ostean–, hotel berrien artean 2.700 gela eskainiko dituzte... Eta zerrenda luzatuz doa 300 hektareak osatu arte.
Inbertsioa ere tamaina berekoa da: 3.100 milioi euro. Horrelako proiektu faraonikoaren antzean, korporazio jiganteak egon behar derrigor. Alde batetik Immochan, zentro komertzialetan txapeldunetako bat den Auchan taldearen higiezinen konpainia. Auchan esatea da Mulliez taldea esatea, alegia Jardiland, Decathlon, Simply, Kiabi, Alcampo, Leroy-Merlin, Bricomart, Norauto, Midas, Sabeco… eta askoz gehiagoren jabeak. Frantziako familiarik aberatsenetakoa osatzen dute Mullieztarrek. EuroCity operazioan sozio daukate Wanda txinatarra, munduko indartsuena eraikuntza promozioetan eta zinema aretoetan, 130.000 langile, sustraiak zabalduz kirol, osasun, teknologia eta beste hainbat alorretan.
Nork egin liezaioke aurre –bizirik ateratzeko itxaropenez– horrelako Tartalo pareari? Ez bederen politikari profesionalek. Paris eta inguruetako plangintza estrategikoa egitea bere gain daukan Grand Paris Aménagement erakunde publikoa laster konbentzitu zuten proiektuaren onurez, orobat Gonesseko udala .
Zalantzarik baldin bazegoen, 2014an Laurent Fabius (PS) atzerri ministroak deklaratu zuen: "Aurreikusten diren zuzeneko 11.500 enpleguekin, EuropaCity lehen mailako proiektua da. Gure lurraldea egituratuko du eta biziberrituko dio ekonomia". Eta gobernuak hala erabakita, laster iritsi ziren gehienen oniritziak, EuropaCityrekin bat egin zuten Parisko museo handiek, zein Frantziako motorra den Paris metropolitanoko agintari nagusiek.
Paris metropolitanoaren zati den Val-d'Oise departamenduan dago Gonesse bere 26.000 biztanleekin. 2000. Urtean azaldu zen telebista guztietan, bere lurretan erori baitzen su harturik Concorde hegazkin supersonikoa; gutxigatik ez zen lehertu kaleko etxeen gainean.
Soroak suntsitu, diru publikoa xahutu
Aspaldi iritsi zen Paris handiaren presioa inguruotara. Bi aireportu handienak, zentro komertzialak, autopistak, klase guztietako azpiegiturak… eten gabeko lurzoru galtzea, 90eko hamarkadan larriagotu zena. Gonesseko Triangelua delakoak osatzen du azken hamarkadetan bizirik iraun duen nekazaritza eremu bakanetakoa. Ez jainkoek egindako mirariz, ordea. EuropaCityk traba egingo dion harri txintxar bakarra aurkitu du luzaz: eskualdeko 15 elkartek osatutako Collectif pour le Triangle de Gonesse (CTG) taldea.
Lekuko militante eta elkarteek urteotako borroketan ezagutu dituzte lurraldearen planifikazioarekin hasten diren dinamika korapilatsuak, ikasi dute legeak eta prozedurek lagatako zirrikituak baliatzen. Zenbait proiektu handi gelditzea lortu dutelako daude hemen hainbeste hektarea lur 2017an oraindik soro.
EuropaCityri baimenak emateko eztabaida publikoaren epean CTG kolektiboak, herritarrak mobilizatzeaz gain, alternatibak ere mahai gainean jarri ditu, Mulliez eta Auchanen proiektu handiarekin erkatzeko moduan, eskualdea biziberritu eta nekazaritza megapoliaren sarean integratzeko lau proposamen planifikazioko profesionalek eta gizarte eragileek eraikiak.
Diru publikoarekin egitear diren iruzurra ere salatzen dute: "EuropaCity diru pribatu hutsez finantzatu behar dutela dioten arren, lurrak merke desjabetzeaz gain funtsean diru publikoen beharra du metro eta autopistak eraikitzeko, interes orokorrari iruzur egiten diote beraz. Eta Auchanek bezala zenbait hautetsik aipatzen dituzten enplegu kopuru horiek gezurtatu egin dituzte ikerketa independente guztiek. Benetan sortuko duten enplegua izango da beste lanpostuak beste nonbait suntsitzearen truke, hirietan eta dagoenekoz bezero faltan dabiltzan merkatal guneetan. Horregatik hasi dira entzuten ahots asko salatzen dutenak proiektu kaltegarri hau ekologia, ekonomia eta gizarte arloetan, Frantziak COP21ean hartutako konpromisoak urratzeaz gain".
Eta zer diote baserritarrek? Nonbait gertatu baldin bada Pierre Bitoun soziologoak bere azken liburuaren tituluan ipini duen nekazarien hilketa – Le Sacrifice des paysans, une catastrophe sociale et anthropologique – Paris megapoliaren eskualde zabalean izan da. Hiriaren presio jasanezina batetik, nekazaritzaren industrializazioa bestetik, laborari bakan batzuk besterik ez dira geratzen orain Gonesseko alorretan.
Reporterre webguneak horietako batzuek aurkeztu ditu Ces ultimes terres agricoles qui résistent encore à la bétonisation du «grand Paris» kronikan. Nekaturik eta etsita daude, batzuek dagoenekoz desjabetutako lurretan ari dira ahal duten bitartean, denek sentitu dute hiri erraldoiaren hatzaparra gero eta hurbilago, zepoa zintzurrean gero eta estuago. "Ez dakit zer egin behar den –esan du Jacques Poixek–. Horientzako lurra ez da negozioa baizik".
Abuztuan arnasaldia iritsi zaie: agintariek dosierraren interes publikoa aztertzeko izendatutako komisarioak EuropaCityren kontrako txostena argitaratu du. Promotoreei ez zaie gustatu, baina fite erantzun dute ez diela axola komisario horren gomendioa, ez delako loteslea, Udalak eta agintariek daukatela erabakitzeko eskumena. Eta politikoek badakigu zer egingo duten. | news |
argia-bad831c5a07b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/sagardoaren-ontziak.html | Sagardoaren ontziak | Jakoba Errekondo | 2017-09-17 | Sagardoaren ontziak
Zuraz eta egurraz idazteko asmoa nuen, sasoia gainean delako, baina sagardoarena ere bada, eta lagun sagardogile batek egin dizkidan galdera-amu biei helduko diet. Urtero ez da sagar kopuru bera izaten, eta sagardoa egiteko ontzi batzuek urtea hutsik igaro behar izaten dute. Urte horretan ontziaren zurak "zoko usaina" hartu duela eta ea nola kendu galdetu zidan.
Gehiegizko garbitasunaren ondorioa da arazo hori. Sagardoa botilaratu denean erabat hustu eta garbitu egiten da ontzia; on beharrez, ahalik eta sakonena garbitu ere: azpiko sagardoaren ama kendu, ontziaren oholetan dagoen lika arrastoa...
Ondoren hilabeteetan ontzia hutsik egongo da, eta, hala, zurak kanpotik bezala barrutik ere airea hartzen du. Zura sagardoz blai, beteta, belaki edo esponja bat balitz bezala, sagardoz busti-busti eginda egongo da. Sagardo horrek airea hartzen duelarik hartzidura mota guztiak egingo ditu: ozpindu eta abar. Era berean zura bera ere usteltzeko bidean jarriko da.
Hori ez gertatzeko, sagardoa botilaratzen denean, bertan utzi behar dira ontziaren azpiko ama eta edariaren proportzio bat. Ontzia hermetikoki itxita. Horrek zura barrutik babestuko du. Gure aitonaren formula erraza da: zuloa taparekin itxi, junturan seboa eman, eta hori, intsektuek edo saguek jan ez dezaten, igeltsuarekin estali.
Behin zurak zoko usain hori hartuta, ez da erraza kentzea. Lan hori hartzea merezi duen erabaki behar. Onena askatu eta oholak eta tapak marrusketatzea da. Zurak axalean izango du nabarmenena kutsu hori, eta hori kendu eta gero oholak bildu, ontziaren buelta osatu eta tapak jarri aurretik erre punttu bat eman. Hori dena eginda ere, baliteke kutsuaren arrastoren bat geratzea; hori gero muztioa sagardo egiteko hartzidurak edo irakinak berak kenduko dio.
Zur oneko ontziak, antzinakoak edota sagardo ona egiten dutenak badira, lan hori hartzeak mereziko du. Animo eta prestatu ontziak, aurtengo uztarekin beharko dira eta! | news |
argia-05f5210c1a63 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2566/badira-ipuin-tristeak.html | Badira ipuin tristeak | Ana Mendia | 2017-09-17 | Badira ipuin tristeak
Hilabetez hilabete desiratutako ametsa egia bilakatu zela zirudien. Ustekabean, ordea, abiapuntura itzuli da; izterretik behera joan da izan zitekeenaren ilusioa. Segundo batean erantzi du errealitateak soinean zeraman mozorroa.
Beldurrak aginduta sekretupean gorde zuen berri ona, nahiz erraietan barrena sentitzen zuen erotasun pozgarria etxekoekin partekatu beste nahirik ez zuen. Gaur, ordea, itxaropenaren tokia minak hartu duenean, ohartu da haurdun zegoela esan ez izanak ez duela berezko abortuaren oinazea eztitu. Eta, hala, hankarteko odol arrastoak garbitu bitartean, bere islarekin topo egin du ispiluan: gertatutakoa sinetsi nahi ez eta onartu ezin.
Bat-batean bezperan Instagram-era igotako argazkia etorri zaio burura, gogokoen duen gailurrean ilunabarrari begira ateratakoa. "Bizi bizitza" jarri zion izenburu. Zoriontasunez gainezka zegoen emakume horri galdetu dio, orain, egunero bizi behar ote den bizitza, derrigor. Komuneko azuleju hotzen konpainia hutsean, ordea, ez du erantzunik topatu.
Itxaropenaren tokia minak hartu duenean, ohartu da haurdun zegoela esan ez izanak ez duela berezko abortuaren oinazea eztitu
Aitaren besoetan negar egin nahi du, kafe baten bueltan lagunen berotasuna sentitu. Amari galdetu nahi dio alaba zaharrena izan zitekeen besterik egon ote zen; baina sufritzeko eskubiderik izango ez balu bezala, berri txarra itzaletan abandonatzea onena duela sinetsarazi nahi izan dio bere buruari. Ez daki, ordea, norekin ketu amorrua, nori leporatu pisutsuegi zaion erruduntasuna, nola garaitu segurtasun eza, non ezkutatu lotsa.
Estatistikaren alde garratza bizi duten gainontzekoak non ote dauden galdegin dio bere buruari; zergatik ote diren ikusezin guraso izateko nahiak mintzen dituenak. Ohartu da tabuak are krudelago egiten duela atsekabea, baina ez zaio erraza egiten bart gauera arte, ia nahigabe, indartu duen zentsuraren aurka matxinatzea.
Askatzeko premia duen tristezia lurperatu beste aukerarik ez duela dirudi, baina ezin du gertatutakoa ahaztu. Ez du ahaztu nahi. Instagram-en jarri nahi du bizitza bizitzeak min ematen duela, sarritan. Ez du, ordea, begirada errukitsurik nahi ordainetan; ez du esaldi merkerik entzun nahi. Abortua sendatzen duen tirita magikorik ez dagoela onartzeko parada baino ez du behar.
Etxeko sarrailaren hotsak arnasa eman dio, azkenean. Begietara begiratu eta totelka esan dio hainbesteko maitasunez espero zuten ttikia ez dela sekula helduko. Elkar besarkatu eta batak bestearen sorbalda gainean malko bana jauzi dute. Handiegi begitandu zaie hutsunea, baina isiltasunean egin behar izan dute oihu. Amaiera zoriontsurik ez duten ipuinak ez dira kontatzen. | news |
argia-04d8c3f8d9a2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/sarrerak-euskaraz.html | Sarrerak, euskaraz | Irati Elorrieta | 2016-02-28 | Sarrerak, euskaraz
Ebidentea den zerbait esateko arrisku handiarekin erabaki dut anekdota bat kontatzea. Euskal Herriari Martetik begiratzeko konplexua daukat batzuetan, eta ebidentea zer den eta zer ez den jakiteko gaitasuna galtzen dut. Hor doa, badaezpada.
Euskal Herrian izan naiz (1) eta Osasun Zentrora joan behar izan dut, pediatraren kontsultara. Harreran ederto hartu naute. Erdaraz. Hango sisteman ez gaudenez, tarte bat zuen lehen pediatrarekin eman dit hitzordua harrerakoak. Kontsultara sartu garenean, nire buruko soziologoa aktibatu dut. Segundo bat baino gutxiago daukat diagnostikoa egiteko: berak ez dit niri euskaraz egingo baina, adinagatik, (nire adin ingurukoa) euskaraz jakiteko aukerak handiagoak dira ez jakitekoak baino. Beraz, nik egingo diot. Euskaraz al dakien galdetuz. "Bueno, bai", erantzun dit. Eta euskaraz artatu gaitu (honek ere, ederto). Ezin dut jakin, baina baliteke pediatrak lehenengoz lanean euskara erabili izana. Beharbada –eta hipotesi horrek pentsarazi dit zenbateraino diren kontu batzuk ebidenteak– inork ez diolako aurretik halakorik eskatu. Eta eskatu diodanean, esan nezake, zergatik ez: horretara animatu edo horretarako aukera eman. Ez dut berarengan ziurtasun faltarik nabaritu, ez lotsarik hizkuntzaren mailagatik. Nik eskertu egin diot (2). Baliteke, hori ere ezin jakin, kontsultatik atera garenean, egindako ahaleginagatik pediatrari hasperen bat atera izana. Baliteke harro sentitu izana. Agian, eszitazio bat ere sentitu du. Performance bat egin ondoren izaten diren sentsazioak.
Nire kasuan, aitortu behar dut semeen egoera linguistikoak behartu egin nauela, eta bide batez ohitu nauela, nire inguru hurbiletik kanpo ere euskara eskatzera: erantzun oso positiboekin. Bilboko Metroan ez dut inoiz zorterik izan. Baina bai hondartzako sorosleekin, urgentzietako mediku eta erizainekin, aparkalekuko leihatilako langilearekin, zinemako txartel saltzaileekin...
Gauden momentuan, goian kontatutako eszenaren antzeko batek segundoro Euskal Herriko mila txokotan errepikatzen egon beharko luke. Urteetako hizkuntza politikak heldu dira dagoeneko horretarako beharrezkoak diren eszenatokiak sortzera (Euskal Autonomia Erakudean). Hizkuntza politika birplanteatu, zabaldu, perfekzionatu beharko da. Egongo da horretaz nor arduratu. Baina egunerokoaren protagonistak gu gara. Jende askok ikasi du euskaraz, eta orain, erabiltzen dugun gutxiengoari dagokigu ulertzen duen eta hobeto edo txartoago dakien gehiengoa aktibatzea. Halako eszenak biral bihurtu egin behar dira. Antzekoak, bariazioekin.
Ez nator –Martetik– esatera horrekin dena konponduta legokeela. Nik esaten dudana ebidenteegia izango da agian: komunikazio eredua iraultzeko, buru barruan klik egin behar duela euskaldun izateko kontzientzia eta nahia duenak. (EAEn) ez du borroka handirik egin beharko, ez du tentsio handirik bizi beharko. "Gehiengoa" hitzak aktibatzen duen klik txiki bat buru barruan. Hor kanpoan badaude dagoeneko baldintza nahikoak nonahi eszenatokiak eraikitzeko. Antzoki handiak bete ahal izateko, lehenengo, jendea antzerkira zaletu beharra baitago.
1) Algortan. Beraz: Bilbo Handia, Bizkaia (EAE).
2) Gure kasuan, gainera, pediatra euskaraz moldatzeko gai izan ez balitz, semeak ulertzen ez duen hizkuntza batean ariko litzateke berbaz. Hori bizi izan dut nik umetan, artean gaztelaniarik ez nekiela, pediatrak erdaraz egitean. Baina hortxe dago koxka: bi belaunaldi ezberdin gara. | news |
argia-cca8f2e2e990 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/joana-maso.html | "Gorputzaren aldeko borroka soberania lortzeko borroka da" | Aritz Galarraga | 2016-02-28 | "Gorputzaren aldeko borroka soberania lortzeko borroka da"
Literaturan doktore, Université de Paris VIII-Saint-Denisen. Frantses ikasketen irakasle Universitat de Barcelonan. Ikerlari Centre Dona i Literatura UNESCO Katedran. Itzuli eta editatu ditu Helene Cixous, Jacques Derrida, Catherine Malabou, Jean-Luc Marion eta Jean-Luc Nancy. Eta gorputzari eman dio pare bat buelta.
Zer da gorputza?
Michel de Certeauk esan zuen: gorputza bere horretan aurkitzen zaila da. Ez dakigu zehatz non hasten den, non bukatzen. Ahotsa, adibidez, gorputzaren parte da? Eta hitz egiteko manera? Adierazteko era? Gorputza mugitzeko modua ere gorputzaren parte da?
Filosofiak zer erantzun dezake?
Agian, filosofiak ez du pentsatu behar zer den gorputza, zein diren haren mugak. Garrantzitsuagoa da beharbada gorputzak munduan uzten dituen arrastoak zein diren galdetzea. Eta hala uler daiteke genero ikasketek eta mugimendu feministek filosofiaren historiari egindako gaitzespen handienetakoa: gorputzaren arrastoen absentzia erabatekoa dela testuetan.
Ez dago gorputzik, hortaz, testuetan.
Filosofia kanonikoaren historia idatzia izan da hizkuntza ustez neutro batean, zeinean idazten zuen subjektuak ez zuen sexualitatearen markarik uzten. Jacques Derrida hasi zen gorputz sexudunaren markak inskribatzen, filosofia izaera nabarmena zuten testuetan; Platon, Heidegger edo Lacanen psikoanalisiaz hitz egin zuen haietan. Eta ez bakarrik gorputz sexudun propioaren markak, baizik eta halaber gorputz kolonizatu, gorputz juduarenak. Derridak zioen irakurri zituen filosofoez gehien interesatzen zitzaiona beren bizitza sexuala ezagutzea zela; bizitza sexuala modu zabalean ulertuta: sexualitatea, gorputza, eta abar. Hain zuzen, beren testuetan sekula azaleratu ez zena.
Baina, halako batean, hasi ziren gorputzak azaleratzen.
XX. mendeko bigarren erditik aurrera, gorputzaren gaineko hausnarketa izan da feminismoaren eta filosofia garaikidearen ekarpenik handienetakoa. Adibidez, agertu izan da gure gorputzean gurea ez den hori guztia. Gurea ez, bazik eta garai bakoitzeko moralaren edota ideologiaren emaitza dena, garai bakoitzak gorputzari ezarritako biolentzia guztia. Bai eta gorputzak emantzipaziorako erabilitako forma diferenteak ere.
Gorputzak ez baitira bat eta bakarra.
Gaur inoiz baino gehiago dakigu gorputz intimoa dela sistemari beldur gutxien eragiten dion gorputza. Sistema horrek alde batetik sustatzen ditu gorputzaren erakusketarako, espektakulurako modu asko, mediatikoki, pornografikoki; eta beste alde batetik kriminalizatzen ditu kalera ateratzen diren gorputz horiek, espazio publikoa hartzen dutenak aldarrikatzeko politikoki gorputzarekin lotutako gauza asko. Batzuek nahiko lukete gauza horiek espazio intimo edo pribatuan geratzea itxita.
Gorputz intimoaren aurrean, zer?
Gorputz publikoa edo politikoa. Estatu bakoitzak arautzen ditu, modu erabat erlatiboan, zer gorputzek duten, adibidez, elkarrekin ezkontzeko eskubidea, guraso izateko eskubidea, sexua, gorputza bera aldatzeko eskubidea. Desmuntatu beharra zegoen, batez ere pasa den mendeko 60ko hamarkadatik aurrera, gorputza norberaren gauza pribatu bat zelako ideia.
Egin da, noski.
Salaketa hori XX. mendeko idazketa modernoetan irakur daiteke: Antonin Artauden gorputz sozial gaixo eta psikiatrizatua, Samuel Becketten gorputz behartsu eta zatikatuak, Marguerite Durasen gorputz desiradunak, Jean Geneten erotismo homosexuala edo Helene Cixousen idazketa femenino eta gorputz kolonizatua. Evelyn Grosmmanek hitz egin izan du bestelako gorputzak asmatzearen, bestelako eredu sozial eta politikoak bilatzearen beharraz. Eta ez bakarrik esplorazio intimoaren bitartez, gorputz sozialki, sexualki, politikoki ikusezinen esplorazioaren bitartez ere bai.
Gorputzaren aldaketa aipatu duzu. Baina noraino?
Gure garaia izan da nahi dugun gorputza izan dezakegula sinetsaraztetik gertuen egon dena. Norbere gorputzaren autotransformazioarekin: dietak, kirurgia, hormonak eta, batez ere, moda, zentzurik zabalenean. Etengabe proposatzen zaizkigu izan nahi ditugun gorputzak autodiseinatzeko moduak.
Nahi dugun gorputza, posible ote?
Gorputz aldaketaren inguruko eztabaidak bi maila dauzka. Alde batetik, bizimodu neoliberalean, gorputzez aldatzea aukera bat da, beste hainbaten artean: eskaintzen zaigu lanez, herrialdez, bikotekidez aldatzeko aukera, amatasunaren adina edota amatasuna esperimentatzeko moduak aldatzea. Baina beste alde batetik, norberaren gorputzaren aldaketa da generoaren inguruan dagoen borrokarik handienetakoa. Gorputzaren aldeko borroka soberania lortzeko borroka da, zentzu horretan.
Eta gorputza bera borroka eremu.
Gorputzaren ikusgarritasuna da, aldi berean, telebista eta halako industriek esplotatzen duten baliabide ekonomiko inportante bat. Baina baita kolektibo feminista eta antisistema ugarik erabiltzen duten erreminta ere. Azken horiek ez dira publikoki onartuak eta kriminalizatuak dira, beren ekintza askatasuna babestuko duen legediaren faltan. Kasu horietan, gorputza bilakatzen da protestaren sinonimo. | news |
argia-dc4c24d0355e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/peio-agirre.html | "Kritikaria ezin da inolaz ere xaloa izan" | Danele Sarriugarte Mochales | 2016-02-28 | "Kritikaria ezin da inolaz ere xaloa izan"
Idazle freelancea, komisarioa eta kultur kritikaria da Peio Agirre (Elorrio, 1972). Hainbat hedabidetako kolaboratzailea, Crítica y metacomentario bloga sortu zuen oraintsu hamar urte. 2014an, La línea de la producción de la crítica [Kritikaren ekoizpen-lerroa] saiakera argitaratu zuen Consonni arte-ekoiztetxearen eskutik. Berarekin hitz egin dugu, kritikarien kinka zailaz, kritika estrategikoaz eta abarrez.
Nola jarri zen martxan liburu hau?
Kritika idazten aritu naiz azken 15 urte pasan, tokiko, nazio-mailako eta nazioarteko hedabideetan, eta apurka-apurka idazketarekiko konpromisoa eta beharra sortzen joan zait. 2004 inguruan, hitzaldi-sorta baten harira, konturatu nintzen oso gutxi hausnartzen zela lanbidearen eta hori sostengatzen duten baldintza materialen inguruan. Beraz, artxibo bat sortu nuen ordenagailuan, kritikari buruzko gogoetekin, batez ere nire irakurketei tiraka, testu potentzial bat eratu arte. Testu hori ez zen sekula idazten, ordea, idazle freelance bat bainaiz, eta egoera horretan langintza zaila da liburu bat sortzea. Azkenean, Consonnikoek proposamena egin zidaten, eta liburua osatu nuen.
Sarreran diozunez, tresna-kutxa baten gisara funtziona dezan nahi duzu.
Azken urteotan, batez ere bloga zabaldu nuenetik, askotariko edukiei buruz idatzi dut, baina kasu honetan nire asmoa zen tratatu metodologiko moduko bat egitea, niretzat ez ezik beste hainbatentzat baliagarri suerta daitekeena, bereziki kritikari eta idazketari buruz hausnartu nahi duen jendearentzat. Alde horretatik, eraikitzeko dagoen eraikuntza teoriko baten lehen harria baino ez da.
Izenburuak arreta ematen du.
Ekoizpen-lerroa eta muntaketa-katea langile-mugimenduarekin lotzen dira, baina artista askori inspirazio-iturri gisa balio izan die, Sergei Eisensteini, Jean-Luc Godardi... Idazketaren eta muntaketaren arteko analogiak egin ditut, aipuen bidez-eta. Niretzat oso garrantzitsua da ikustea nola dagoen eginda. gauza bat, edozein gauza, baita liburu bat ere.
Adibidez, Slavoj Zizekek kontatzen du nola egiten dion iskin idazteko uneari. Barrenak husten ditu ordenagailuan, eta bere buruari esaten dio ez dela idazten ari, baizik eta lehengaiak pilatzen, gordin. Nahikoa testu daukanean, editatzeari ekiten dio, eta hori da parte garrantzitsuena. Niretzat, aldiz, collagea da teknika literario emankor bat. Hala idazten dut, zenbait gauza elkarri itsatsiz, eta lotuneak ezabatzen ditut gero. Liburu hau ere post-produkzioan idatzia dago, hein handi batean.
Kritikaren egoerari begira, abiapuntua nahiko ezkorra da: "Kritikari garaikidea, iritzi publikoaren ordezkaria bainoago, publizista da, edo merkatuaren mandatari hutsa".
Bai, diagnostiko kezkagarri horretatik abiatu nintzen. Artearen munduan denbora luzea daramagu kritikaren krisiaz hizketan, baina gehiegi sakondu gabe. Nik baneukan ideia nahiko zehatz bat, hain zuzen ere, kritika eta publizitatea/publikotasuna lotzen dituen gogoeta-ildoa: nola ordezkatzen dituen kritikak merkatu-harremanak eta abar. Gai benetan mamitsua da, eta xehe-xehe egin nahi nuen, baina idazten joan ahala, konturatu nintzen ezin nuela liburu guztia hor kokatu. Idazketaren gaia ere ekarri nahi nuen, subjektuaren eraikuntzarekin lotuta, alegia, zer-nolako onura dakartzan idazketak identitatea eraikitzeko.
Horixe esan behar nizun: "amesgaizto" abiapuntua izanagatik, gaitzari aurre egiteko antidoto ugari proposatzen dituzu. Tartean kritika estrategikoa.
Jakina, idazteari uko egiteak ez du ezer konpontzen. Liburuaren hasieran bada Walter Benjaminen aipu bat: "Kritikaria estratega bat da, borroka literarioan". Kritika estrategikoak esan nahi du kritikariak merkatu-botereen jakitun izan behar duela eta ohartu behar dela zer-nolako marko ekonomikoan txertatzen den bere kritikak argitaratzen dituen argitalpena (adibidez, erakusketen publizitatea egiten duen arte-aldizkari bat). Kritikariak jakin behar du kritika oro publizitate-modu bat dela, alegia, kode bitarraren logikan, argitaratutako kritika oro 1 bat dela, negatiboa izanda ere.
Baina aldi berean, kritikaria gai da eta boterea du, instrumentalizazioaz konturatuta, zerbait aldatzeko. Jakina, lehenengo erabakia da idaztea ala ez idaztea. Bigarrena? Idatziko duzula ebatzita, zeri buruz eta nola idatziko duzun.
Horren haritik, erregulartasuna eta irregulartasuna hartzen dituzu hizpide.
Bai, nik hainbat egunkaritan idatzi dut eta aske izan naiz beti gaiak-eta aukeratzeko. Egunkarien ekoizpen-egituren barruan dauden kritikari erregularrek arazo larriagoa dute, diru-sarreren mende baitaude, eta hilero edo astero helarazi behar baitute ale bat. Nik neuk uko egin diot dinamika horri, izan ere, eskariaren jopu bilakatzen zara, eta aktualitatearen logikan sartzen. Uztarri bat da hori, azken batean, berritasunari zerbitzu egitea merkatuari zerbitzu egitea baita. Horregatik aldarrikatzen dut gertuko iragana.
Hala ere, orok du abantailarik eta desabantailarik. Egunkari batean erregularki idazten baduzu, aukera daukazu irakurlego bat sortzeko, asterik aste jarraituko zaituena, eta hori kontuan hartuta lan egin dezakezu, irakurlego orokor bati begira baina baita sortzen ari zaren irakurlego horri ere erreparatuta, eta pentsamendu edo ildo zehatz bat eraiki dezakezu tarte oso zehatz batean.
Liburuan diozu: "Gaur egun, kultur kritikari batek modu bakar batean eros dezake bere askatasuna, hain zuzen ere, musu-truk idatziz".
Horrela esanda, ez-dialektikoki, oker uler daiteke ideia. Liburu hau, hain zuzen ere, prekarizazioaren aurka dago idatzia. Baina, era berean, kritikaren ekoizpen-baldintzez diharduenez, sutsuki defendatzen da amateurismoa, pasioa eta norbere buruarentzat idaztea.
Blogen bidez?
Bloga, niretzat, sormen-esparru bat da, iraganera beharrean etorkizunera begiratzen duena. Adibidez, ez ditut sekula zintzilikatzen katalogoetarako-eta idatzitako testuak. Blogak ez du hedabideen presio komertziala pairatzen, eta ez dio men egin behar akademiak ezarritako hierarkizazio-botere zentsuratzaileari. Horrelaxe sortzen da idazketa fresko bat, aurreiritzirik gabea eta bere burua asmatzeko gai dena, literaturaren zentzuan.
Adibide baterako: gustuko dut zineari buruz idaztea, baina egunkarietan idazten nuenean arte-zutabean nengoen, eta bazeukaten zine-zutabe bat ere, beraz nik "neure" gaiari heldu behar nion. Gainera, zine-kritikan, epaiak zama handia du, argiki esan ezean iradoki behintzat iradoki behar duzu ea filma ona den ala ez, eta nik ez dut ikuspegi horretatik idatzi nahi. Zinea interesatzen zait (eta baita arkitektura ere, eta beste hainbat gauza) oraina definitzeko balio duen heinean, eta gaur egungo egoeraren eta mundu-sistemaren sorburuak haztatzeko balio duen heinean. Zentzu horretan, nire testu guztiak kapitalismoari buruzkoak dira.
Era berean, ez-espezializazioaren alde egiten duzu.
Dialektikoki ulertu behar da hori ere. Ez-espezializazioaz mintzo naizenean, ez naiz diletantismoaz ari, inondik ere. Oso modu zorrotzean erabiltzen dut teoria, ez ausaz edo modu naif batean. Guztiz kontrara. Nire iritziz, kritikaria ezin da xaloa izan, inondik ere. Kritikaren esparruak auto-kontzientea izan behar du, guztiz.
Ez-espezializazio espezializatu bat aldarrikatzen dut, beraz, jakin-minaren ildotik: kritikaria, oroz gain, pertsona jakingura da, adierazpideek, edozein motatakoak izanik (musika, zinea, literatura...), pasioa pizten diotena.
Bestalde, ez-espezializazioak akademizismoaren aurka egiten du. Akademian gisa horretako asko daude, Foucault hartu eta goitik behera aztertzen dute eta Foucaulten adituak dira gero. Nik, ordea, heterogeneotasuna aldarrikatzen dut, jakintza eta ezagutzen nahasketa.
Dialektika ere ezin aipatu gabe utzi, behin eta berriz agertzen baita liburuan, metodo, edo, hobe esanda, ez-metodo gisa.
"Kultur adierazpideak interesatzen zaizkit gaur egungo egoeraren eta mundu-sistemaren sorburuak haztatzeko balio duten heinean"
Ez-metodoa da, iruditzen baitzait norberak sor dezakeela ad hoc berari hobekien egokitzen zaion dialektika-forma. Gainera, ez da literatur estilo bat ere. Bertolt Brechten obrak irakur ditzakezu, autore ezinago dialektikoa baita, eta eragin zaitzake, baina ez du tankera jakin bat hartzen.
Nik dialektika ulertzen dut zalantzarako espazio gisa, espazio bat non duda egin ez ezik duda hori praktikan jar baitezakezu, idazketaren bidez. Espazio bat da non iritzi kontrajarriak izan baititzakezu gauza bakarraren inguruan, pentsatzerakoan hori gertatzen baitzaigu sarri: gauza bat pentsatzen dugu eta baita aurkakoa ere, biak ontzat joz. Zaila suertatzen zaigu, ordea, hitzen bidez adieraztea. Zentzu horretan, idazketa iruditzen zait bidea, ahozkoak bestelako zailtasunak baitakartza. Idazketak balio dit munduaren konplexutasuna praktikan jartzeko. | news |
argia-6b71d15b99ad | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/txantxangorriaren-hegaldiak.html | Txantxangorriaren hegaldiak! | Pako Sudupe | 2016-02-28 | Txantxangorriaren hegaldiak!
Bernardo Atxagak "Txantxangorria txantxate, birigarroa alkate, xoxoa dela mediante, txepetxa preso sartu dute" kopla zahar honi emandako interpretazioaren arabera, txantxangorria urte berriaren ikur da, urte guztian ez baizik abenduan ikus dezakegulako gure inguruan, eta entzun haren txantxana. Urte berriaren ikur izatea polita da, baina urte guztian oso gutxi agertzen da, eta gero eta hiritarragoa dugun gizartean gero eta ezezagunagoa, exotikoagoa da.
Aspaldiko esaera da, bestalde, Jesukristo gurutzean iltzaturik zela, arantzak kentzen aritu zitzaiola, eta Jesusen odol tanta paparrean gelditurik, horregatik dela papar-gorria. Esaera horren indarra, baina, hutsaren hurrengoa dugu gaur egun.
Txori txikia da, bakartia, eta indibidualista. Hiruzpalau urte bizitzen da, egungo legegintzaldiak bezala. Egungo bizimodu hiritarrean ezer gutxi den, eta gehienentzat guztiz ezezaguna den txori txiki bakarti, indibidualista bat hautatu dute, beraz, euskararen ikur, EAEko hizkuntza-politikaren arduradunek.
Txori txiki gisa irudikaturiko euskaldun apal horrixe egiten zaio gonbidapena, bere moduko txori txikiekin hegan egin, eta zeruaren mugara hel dadin, hots, euskararen salbamenaren zerura
Atzoko "gutxi asko da"-tik txantxangorriaren eskutik, "Eman hegoak euskarari"-ra igaro gara: "Elkarrekin hegan egitean, bertigoa badoa. (...) Elkarrekin, zeruaren muga ez dago horren urrun. Elkarrekin hitz bat ozenago entzuten da, ehunka txoriren hegaldia bezala. Hau da gure sinboloa, denona. Euskaraz hitz egiteko gonbidapena".
Txori txiki gisa irudikaturiko euskaldun apal horrixe egiten zaio gonbidapena, bere moduko txori txikiekin hegan egin, eta zeruaren mugara hel dadin, hots, euskararen salbamenaren zerura; eta, adoretzeko, muga hori urrun ez dagoela esaten zaio. Zer emozio sortuko ote du kanpainak gurean bizi den erdaldunarengan? Errukia? Ezaxola?
Ehunka eta milaka txorik elkarrekin hegan egin dezagun, lehen eskakizuna euskararen ezagutza unibertsalizatzea da, hasteko, irakaskuntzaren bidez, eta horretarako behar diren politikak –D eredua indartu eta zabaldu; A iruzurra denez baztertu, eta B ere bai, baztertzen joan, ehuneko handi batean ezgauza baita!– abian jartzea. Horrekin batean, zer beharrezkoak ditugun motibatzaileak, euskaraz egin nahia sortuko duen jendea. Zein premiazkoa genukeen ikasleak euskaraz egitera bultzatuko dituzten motibatzaileen sare handi bat; betiko arlo oso herrenak ahaztu gabe: Osakidetza, Ertzaintza, Justizia, eta estatuaren mendeko administrazioa.
Epe luzeko helburuak bete zain egon gabe, euskaldunok hegaldi gero eta luzeagoak eta eremu gero eta zabalagoetara eginez, gero eta txori txiki gehiagorekin. Kanpaina instituzional ausartagoak behar ditugu, eta helburu eta baliabideak ere bai! | news |
argia-431a971e9f54 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/nire-smartphoneak-poeta-txinatar-prekarioa-darama-zirkuituetan.html | Nire �Smartphone�ak poeta txinatar prekarioa darama zirkuituetan | Pello Zubiria Kamino | 2016-02-28 | Nire �Smartphone�ak poeta txinatar prekarioa darama zirkuituetan
Blackberry, iPad, iPhone edo Kindle deitu, Apple, Microsoft, Sony, Amazon nahiz Samsungi erosirik errutinazko bilakatu zaigun tresneria elektroniko berri gehienak Txinako lan ia esklaboz eginik daude. Orain, gainera, robot berriek sortutako konkurrentzia berriarekin mehatxatzen dituzte obrero txinatarrak, fabriketako lan baldintza zanpatzaileak gatazkarik gabe onartu ditzaten.
Xu Lizhik 24 urterekin bere buruaz beste egin zuen Txinako Shenzhen hirian, 2014ko irailaren 30ean. 2010etik Foxconn konpainian suizidatu diren dozena eta erditik Lizhi da ezagunena munduan, bere ezin bizia poematan idatzirik utzi zuelako.
Zutik lokartu naiz titulua daraman poeman dio: "Begi aurrean lausotu zait papera. / Altzairuzko lumaz zizelkatu dut beltz irregular bat / laneko hitzez betea. / Atelierra, muntatzeko katea, makina, fitxatzeko txartela, ordu estrak, soldata... / Otzan izateko prestatu naute. / Ez dakit nola egin oihu edo matxinatu, / kexatu edo salatu. / Leher egin arte isilik sufritzen baizik ez dakit. / Hona lehenbizikoz iristean / hamargarren eguneko nomina grisa baino ez nuen desio. / Horregatik kateatu naiz txoko eta hitzotara, / Uko egin faltatzeari, uko gaixotzeari, uko nire arazo pertsonalei. / Uko berandu iristeari, uko goiz alde egiteari. / Muntaketa katearen mesederako altzairua bezain tinko eusten diot eta nire eskuek hegan egiten dute. / Zenbat gautan lokartu ote naiz zutik?".
Landa eremutik iritsia zen Xu Lizhi munduko tresneria elektroniko hipermoderno gehiena ekoizten den Shenzhenera. Liburuei lotutako zerbaitekin nahi zuen jardun, baina Foxconn konpainiatik kanpo ez zuen are miseria larriagoa baizik aurkitu. Astean zehar bizileku zuen konpainiaren logela kolektiboko leihotik bota zuen bere burua.
"La machine est ton seigneur et ton maitre " (Makina da zure jaun eta jabe) liburuan bildu berriak dituzte Foxconneko hiru langileren esperientziak. Xu Lizhiren poema sortaren ondoan , bigarren lekukotasuna Yang izeneko ikasle langile prekario bilakatuarena da.
Hirugarrenik, Jenny Chan soziologo eta militanteak bildu du Lizhi bezala baserri eremutik Foxconnera lanera joandako Tian Yu emakume gaztearen esperientzia latza; suizidio ahalegin batetik bizirik baina paralitiko atera da. Chanek azaldu ditu horrelako dramak ahalbideratu dituzten baldintzak: Foxconn erraldoiaren kudeaketa sistemak, Txinako estatuaren konplizitatea ugazabekiko eta sindikatuen ezintasuna.
Xu Lizhi, Tian Yu edo Yangen kontakizunek agerian uzten dute gure bizimodua aldatu duten teknologia berrien mundu ludiko eta kolorezkoaren ifrentzua: urruneko fabrika erraldoiak non leherrarazten baitituzte milioika obrero Appel, Microsoft, Sony, Amazon, Samsung eta sektoreko beste konpainia handien azpi-kontratatzaileek.
Liburuaren epilogoan, teknologia berrien apologeten alde eskizofreniko hori azpimarratu du Celia Izoard itzultzaile eta kazetari frantsesak " La classe créative des campus et le zoo des manufactures " , erkatuz ekonomia digitalaren meka den Kaliforniako ametsak eta Txinako langileek bizi duten infernua.
1974an sortua, Foxconnek –Hon Hai Precision Industry– milioi bat langile baino gehiago dauzka, munduko hirugarren handiena da langile kopurutan, eta planetako elektronikaren erdia berak ekoizten du. Marka handi guztiak ditu bezero Foxconnek. Shenzhenen, Longhua hirian bakarrik 300.000 obrero dauzka beharrean hiru kilometro karratuko eremuan, hileroko 500 euro arteko soldatekin.
15 fabrika, logela kolektibozko 18 eraikin, suhiltzaile eta telebista kate propioak, merkatal gunea... Astearen 6 egunetan egunean 12 orduz egiten da lana hemen, eta logelen leihoak burdinazko sarez babestuta daude, langileen suizidioen hotsak munduan zabaldu zirenetik.
Giza esklaboa baino hobe robota
Kalifornian, Googlek egoitza daukan Mountain View campusean brainstormingak plastikozko pilotaz betetako piszinan egiten omen dituzte. Gimnasioak zabalik gau eta egun. 30 jatetxe, denak doakoak... bestela ere urtean 100.000 euro irabazten dituzten eliteko enplegatuentzako.
Konposta egiten da hemen hondakin organikoekin, elikagaiak bio dira, haztegietan gizendutako arrainik ez... izan Appleren edo Silicon Valleyko beste korporazioen langile pribilegiatuen istorioetan laudatzen da hippy-ohi hackerren inguruan sortu den lan kultura berria, mundu berri bat erditzen ari omen den teknologia askatzailea.
Elektronika ekoizten Txina 1980tik ari den arren, hango langileen bizimoduak ez du mundua asko kezkatu 2006a arte. Nolaz 30 urteko axolagabekeria hori? Celia Izoarden ustean, Mendebaldean campusak eta Ikerketa+Garapeneko laborategiak ugaritu ahala, herrialde aberatsen oinarriak ezagutzaren ekoizpenean eta informazioen trukaketan ezartzen zihoazen heinean, horrek muinean zeraman maila handiko teknologia desmaterializatu egin zen operazio ideologiko-magiko batez.
"Gizarte materialista baten ondorio materialen ikusezintasuna" deitzen dio Izoardek: "Fabrika eta kateko lana ez da sekula gaur bezain urrun egon klase ertain globalizatuen imaginariotik, nahiz eta aldi berean munduan inoiz baino fabrika gehiago egon eta katean lanean sekula baino obrero gehiago ari".
Teknologiarekin daukagun harreman oker hori dela eta, ez gara ohartzen mundu mailan dauzkan eraginez. "Ingeniari, enpresaburu eta komunikatzaileek irudimen handiz azaltzen dituzte halako edo bestelako teknologiaren abantailak. (...) Baina ez dute batere irudimenik erakusten iragartzen dituzten onura sozialak alderatzerakoan objektu elektroniko berrien koste humano eta ekologikoekin".
Foxconneko lehendakari Terry Tai-ming Gou oligarkak –munduko jende aberatsenen zerrendan 84.a– 2012an Taipeiko zooko zuzendaria gonbidatu zuen korporazioko koadro nagusiei hitzaldia ematera animaliak tratatzeko moduez. Lehendakariak esan zuenez, "milioi bat animaliaren buruzagi izateaz asperturik" zegoelako. Ez da anekdota hutsala, Gouk iragarria duelako ahal duen neurrian gainetik kendu nahi dituela giza langileak, robotez ordezkatuta.
Izoardek kontatzen du 1949an zibernetikaren sortzaile Norbert Wienerrek AEBko sindikatu nagusiko buruzagiak ohartarazi zituela automatizazio prozesuen arriskuez: "Edozein esku langile, jarriz gero konkurrentzian esklabo batekin, izan gizaki edo makina, esklaboaren lan baldintzak jasatera kondenatuta dago". Hipsterren urrezko garaiotan ez da horrelako abisu askorik entzuten.
Langileen greba eta liskarrak ikusten dira Txinan, dudarik gabe, baina egoerari aurre egiteko ahalmena Izoardek ikusten die klase ertain globalizatuei. Irudimen ahalegin bat eskatzen digu: "Eta hasiko bagina berriro gure lurraldetan berkokatzen darabiltzagun ordenagailu, telebista, iPad, foto makina eta telebista guztiak ekoizteko behar diren azpiegitura guztiak?" | news |
argia-0906377b9551 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/donostia-errausketaren-hiriburua.html | Donostia, Errausketaren Hiriburua? | Asier Iturralde Sarasola | 2016-02-28 | Donostia, Errausketaren Hiriburua?
Gipuzkoako Foru Aldundiak presa eman dio Zubietan errauste planta eraikitzeko asmoari, aurreko legealdian lurperatutako proiektua berpiztuz. Zubietan labe bikoitz berria eraikitzen baldin badute, Añorgan hondakin industrialak erretzen dituen Rezolatik 4,5 kilometrora, Donostiak bigarren erraustegia edukiko du laster.
Abisatu zuen Markel Olanok 2015eko hauteskunde kanpainan, Zubietako erraustegia egin egingo zutela, eta orduan esana betetzeari ekin dio berehala EAJk eta PSEk osatutako Foru Aldundi berriak. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak grafikoki adierazi duenez, " a contrarreloj ".
Erlojupeko lasterketa baino Blitzkrieg bat, tximista-gerra, antolatu dute 2002tik egin ezinik daukaten labea eraikitzeko. Gerra laster bat hondakinen kudeaketa duela 15 urteko PIGRUG haren arabera berrantolatzeko, erasoz bi fronte nagusitan: batetik PIGRUG hura berpiztu, bestetik azken lau-bost urteetan Gipuzkoan zabaldu den kudeaketa alternatiboa goitik behera eraitsi.
Gaikako bilketan, urrats bat atzera
Irakurle ez gipuzkoarrak pentsa lezake: "EAJ eta PSE ahal duten herri guztietan Atez Atekoa kentzen ari dira". Hori baino konplexuagoa da, baina urrezko araua betetzen dute beti: derrigortasunean –eta ondorioz emaitzetan– gutxienez maila bat jaitsi.
Atez Atekoa ezarrita dagoen herrietan, batzuetan alkateak zuzenean kontainer libreak ezarri ditu berriro, Pasaian eta Lazkaon legez, galdeketarik gabe. Beste batzuetan herri galdeketa antolatu dute, herritarrei aukeran jarriz derrigorrezko bi sistema, edo Atez Atekoa edo kontainer kontrolatu txipdunen bidezkoa. Laburtzeko, orain arteko Tolosakoaren edo Arrasatekoen parekoa.
Gaika bereizita entregatzen duten hondakin tona bakoitzagatik iaz baino %44-88 gehiago ordaindu beharko diote udalek GHKri; azken errefusa, tratamendua garestitu eta arazoak sortzen dituena, askoz gutxiago garestitu da
Aldiz, hasieratik edukiontzi kontrolatuzko sistema zeukan Tolosan EAJko alkateak erabaki du mailaz jaistea, ia kontrolik gabeko lehengo edukiontzietara itzuliz. Oraingoz EAJk eta EHBilduk Atez Ateko mistoa kontsentsuatu duten kasu bakarra Lezo da.
2015eko maiatzean berritutako administrazio guztietan ez da ikusi azken errefusa (zabortegi, TMB, erraustegi eta beste azpiegitura handi kutsakorrak justifikatzen dituena) gutxituko duen aldaketa bakar bat, oso bestela, aldaketak beti dira azken zaborra gehitzeko aukera handitzen dutenak.
Zero Zabor eredua eraisteko ofentsibaren beste zati bat mankomunitateek eta Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa kontsortzioak hartu dute beren gain, tasa berriekin zigortuz gehien birziklatzen duten udalak. Horiek gaika bereizita entregatzen dioten tona bakoitzagatik aurten iaz baino %44-%88 gehiago ordaindu beharko diote; azken errefusa, ordea, tratamendua konplikatu eta arazoak sortzen dituena, askoz gutxiago garestitu da. Adibide bat nabarmentzeko, pertsonako eta urteko 53 kilogramo errefus entregatuta Hernanik GHKri %39 gehiago ordaindu beharko dio, 274 kilogramo zabor nahasi entregatzen dion Donostiak baino askoz gehiago.
Tasa berriek, justiziaren ikuspegi oinarrizkoenetik bidegabeak izateaz gain, asko garestituko diete udalei gaikako bilketa on bat egitearen kostea. Europa osoan, eta guregandik hurbil Katalunian, azken errefusa zigortzeko joera dagoen honetan, Gipuzkoako agintariek erabaki dute udal bati merkeago aterako zaiola zaborrak nahasita entregatzea gaika ondo bildu eta birziklatzea baino.
Udal hauteskundeen bezperan, 2015eko udaberrian gipuzkoarren %31 bizi ziren gaika hondakinen %70 baino gehiago biltzen zuten herrietan, gehienak pertsonako eta urteko 80 kilogramo errefus baino gutxiago sortuz. Bide horretatik posible zen betetzea Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak 2014ko otsailean aurkeztutako planean aurreikusia: 2016an Gipuzkoan azken errefusa 130.000 tonaraino murriztea, horiek erraz tratatzeko 2015 amaierarako prest egon behar zuen TMBan, eta hortik ateratako azken hondakin geldotuzko 70.000 tonak –ondoko urteetan gutxitzen joango zirenak– Zestoako Osinbeltz harrobian gordetzea.
"Zero Zabor lurralde" esan duzu?
Missing . Erraustegirik gabeko plan hura desmuntatu beharrik ere ez da, antza. Ez bilatu inon Gipuzkoa, Zero Zabor lurralde . Lau urteko zulo txiki bat Gipuzkoako historian. Urteotan Gipuzkoako herritarrek ezer berririk ikusi eta probatu ez balute bezala, 1990eko hamarkadan erredaktatutako PIGRUG zaharrari heldu diote berriz GFAn.
Abenduaren 18an Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu zuen Asensio diputatuak 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoa , 2045. urtera arte Gipuzkoak gai honetan izango dituen beharrak asetzeko asmoarekin. Muinean darama urtean 200.000 tona erretzeko ahalmeneko errauste planta bat, aurreikusiz 163.500 erre beharko dituela.
Plan berrituari egin zaizkion kritika batzuk ezagunak dira 2002tik, errausketa auzitan jartzen dutelako: kutsaduragatik osasuna kaltetzen du, klimaren aldaketa areagotzen, birziklatzearen etsaia da, garestia, herritar eta administrazioak urte luzerako zorpetzen ditu, errauts kutsagarriek biltegiak beharko dituzte… Baina, gainera, oraingo ahaleginari bi huts berezi azpimarratu zaizkio.
Alde batetik, hondakin aurreikuspena justifikatuko lukeen populazio handitzea. Prognosi honek aurreikusten ditu Gipuzkoan 30.000 biztanle gehiago Gaindegia ikerketa taldeak aurreikusitakoak baino. Planaren idazleak berak 100. orrialdean aitortzen du gakoa: "… populazio aurreikuspen desiragarria litzateke, kalkuluetan kontutan hartuz immigrazio saldo aski handiak [ suficientes , gaztelania hutsez dagoen agirian] sostengatzeko hazkunde ekonomiko bat etorkizuneko pentsioak eta ongizate estatua ahalbideratuko dutenak...". Hondakinak planifikatzen hasita, Xabier Garmendiak Gipuzkoako demografiaren hazkundea bera planifikatu du, ongizate estatuari eusteko zenbat etorkin ekarri beharko diren ere bai.
Aldundiaren plan berriak ez ditu kontuan hartu gaikako bilketan eta azken errefusaren murrizketan urteotan Gipuzkoan egindako aurrerapausoak
Hori gutxi balitz, prognosiak ez ditu kontutan hartu gaikako bilketan eta azken errefusaren murrizketan urteotan Gipuzkoan egindako aurrerapausoak. Usurbilek Atez Ateko bilketa estreinatu zuenetik, demostratu da askoz errefus kopuru txikiagoa sor daitekeela oso denbora laburrean. Eguzki talde ekologistak azaldu duenez, Gipuzkoak gaur sortzen du Garmendiak berak 2002an aurreikusitakoa baino %30 zabor gutxiago.
Beraz, edozein plangilek aurreikusi beharko luke B hipotesia , epe laburrean lurralde osoa gaikako bilketa on batera eramatearena, datu errealetan oinarrituta. Arrasateko biztanleek 2015ean sortu dutena(106,13 kg) Gipuzkoa osora (707.000 biztanle) zabalduz gero denetara 75.100 tona errefus sortuko lirateke; Bergarakoek lortua (68,6 kg) zabalduta 48.500 tona; eta Antzuolaren 50,85 kilo errefusetara mugatuz gero 36.000 tona. Erraustegiak 163.000 tona kiskali ondoren lagako lituzkeen errauts eta eskoriak baino gutxiago. Ez da harritzekoa Debagoienako herritar asko berek dagoeneko martxan daukaten B planaren alde mobilizatzen hastea zabortegi berri bat iragarri zaienean.
Eusko Jaurlaritzak 2015ean Rezola zementu fabrikari aldatutako Ingurumen baimenaren irudi bat, erre ditzakeen hondakinetatik hirugarren multzoa –arriskutsuak– azalduz.
Erraustegiak berotuko du legealdia
Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea (OEIT) berpiztu da Zubietako errauste asmoa berpiztearekin batera. 2004an osasungintzako zientoka profesionalek sinatu zuten errausketa salatuz prestatutako agiria. 2006an nazioarteko sinposium bat antolatu ere bai. Orain publikoki azaldu dira berriro, adierazteko gizakien osasunerako duela hamabi urte bezain sistema txarra dela hondakinak labean kiskaltzea.
Azken urteotan aldizkari zientifikoetan argitaratutako ikerlanak aztertuta, OEITk berretsi du errausketak gaixotasun larriak ugaritzen dituela. Ezagunen eta aipatuenak minbiziak dira, baina etengabe zabaldutako gai kutsakorrak askotarikoak izanik (dioxina eta furanoak, nitrogeno oxidoa, metal astunak, aerosol azidoak, hidrokarburo aromatikoak…) bestelako eritasun larriak ere eragiten ditu: hormonalak, sortzetiko malformazio eta anomaliak… Belaunaldiz belaunaldi transmititzen direnak.
Publikoki azaldu dira berriro Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko medikuak, adieraziz gizakiaren osasunerako duela hamabi urte bezain sistema txarra dela hondakinak labean kiskaltzea
Zubietako errauste plantaren kutsadura, gainera, gehituko litzaioke dagonekoz hondakin industrialak erretzen dituen Añorgako zementu fabrikarenari. Donostiak horrela beste domina bat irabaziko luke 2016 historiko honetan: bere udal eremuan bost kilometroko tartean bi errauste plantaren jabe izatearena.
2002tik dabil erraustegi bat jira eta bira gipuzkoarren buruen gainetik, orain Hondarribian, gero Zestoan… azkenean Zubietan. 2011-15 legealdian Zero Zabor ereduan urrats handiak egin dira, Europan ere miresmena sortu dutenak. Baina, aldi berean 2002tik gaurdaino eraiki beharreko azpiegitura inportanteak (konpost plantak, TMBa…) edo utzikeriaz edo blokeo politikoz ez dira antolatu.
OEITko medikuek salatzen duten eztabaida garbi baten faltan, gizarteak hedabide nagusietatik sekulako irudi eta mezu katastrofista zalaparta jasotzen du, Gipuzkoan piztu nahi balute bezala Italian ondo ezagutzen duten "Emergenza rifiuti" egoera, azkenean nazkatuta herritarrek amore eman dezaten.
Errauste plantak 2015-2019 legealdia markatuko du Gipuzkoan. Errausketaren lobbyak aurreikusitako labeak oraingoa izan dezake azken aukera. Aurrean edukiko ditu herritar asko. Errausketaren Aurkako Mugimendua –izen hori jarri diote Koordinadora, Zero Zabor talde eta hainbat plataformak osatutako batzarrari– biziberrituta agertu da. Donostialdean otsailaren 28an ikusiko den mobilizazioak hala erakutsiko du. | news |
argia-c0d78c8cc233 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/cordovillako-brigadaren-tiro-hotsa.html | Cordovillako Brigadaren tiro hotsa | Xabier Letona | 2016-02-28 | Cordovillako Brigadaren tiro hotsa
"Euskara eskoletara eramateko lasterketa neurrigabea da hau", zioen Enrique Maya UPNko Iruñeko alkate ohiak haur eskolen afera dela eta. AFAPNA sindikatu nabarristak helegitea jarri dio Iruñeko Udalak hartutako erabakiari –euskarazko bi haur eskola gehiago jartzea, lehen 17tik bi, orain lau–, Udalak halakoetarako eskumenik ez duela argudiatuta.
Plangintza berriak bi eskoletako haur, guraso eta langileei eragiten die eta hauek Iruñeko Udalaren aurrean egin dute protesta, honen "inposizioa" salatzeko. Iruñeko alkatetza sostengatzen duten indarrak ados daude: EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerra. Baina oraingoan ere ez da ika-mikarik falta izan, Iruñeko Ahal Duguk –Aranzadiko partaide da hau– kritika zorrotza egin zion Udalaren erabakiari. Egun batzuetara, ordea, Nafarroako Ahal Duguk zuzenketa egin zuen Euskalerria Irratian Ainhoa Aznarez Legebiltzarreko lehendakariaren ahotik: euskarazko bi eskola gehiagorekin ados daude, prozedura da kritikatzen
dutena, gaia plaza publikora langileengana baino azkarrago iritsi delako (haur eskoletako arduradun batek Udalaren asmoak filtratu zizkion prentsari).
"Izan euskaldun nahi baduzu, baina ez zipriztindu nire pribilegioak, nire diruak, nire eskubideak, nire erosotasuna..."
Hezkuntza Saileko Lan Eskaintza Publikoren (LEP) frontea ere oraindik ez da guztiz itxi, Foru Gobernuak bere erabakietan asmatu gabe jarraitzen du eta. Zerrenda bakarra ez zuen onartu Hezkuntza Sailak, irakasle euskaldunen aurkako diskriminazioak aurrera segitzea ahalbidetuz. Hori konpentsatzeko, LEParen azterketa egun desberdinetan egitea erabaki du (orain arte egun eta ordu berean zen), euskaldunak gaztelaniakora ere aurkezteko aukera izan dezan. Total, euren pribilegioei eusteko protesta egin duten bi zerrenden aldekoek barrunba eragin dutela berriz, eta oraingoan arrazoiz gainera, euskaldunek haiek baino aukera bat gehiago izango baitute azterketa gainditzeko.
Bitartean beste fronte bat agertu da. Iruñerriko Sarriguren herriko eskola publikoa bilakatu da jo puntua. D eredua eta A-G ereduak banatzeko eskaria egin du D ereduko hezkuntza kumunitateak eta Hezkuntza Sailak erabaki behar du orain. Cordovillako Brigadak berriz tiro, oraingoan ere Ezkerraren laguntzarekin: euskaldunek hizkuntza segregazioa egin nahi dute. Noainen ere berdintsu gertatzen ari da.
D ereduko komunitatearen argudioa hizkuntza murgiltzea areagotzea da, egoera minorizatuan bizi den euskaldunak samur ulertuko duen arrazoia. Euskaraz ondo ikasi eta euskaraz bizitzeaz arduratua ez dagoenarentzat, bazterkeria da, bizikidetzaren aurkako neurria. Eta artilleria gori-gori jarri dute berriz ere. LEParen aferan errentagarria izan zaie eta ez dute aukera galdu nahi. Euskaldunak ahulak dira eta hori baliatu behar da. Ez zaie arrazoirik falta.
Eztabaidaren zurrunbiloan lehenengoz murgiltzen denarentzat irudi luke Nafarroan hizkuntza dela eta bereizi den lehen zentroa dela, baina 1995etik hasi eta gaurdaino zentro ugari irizpide horretan oinarrituta banatu dira: Biurdana, Eunate, Iturrama, Mendillorri, Atarrabia... Hasieran UPN beldur izan zen D ereduaren kutsatze arriskuaz eta berak bultzatu zituen banaketak. Geroago D ereduko komunitateen eskariz egin da, ikusten delako nahasian gaztelaniak euskara maila guztietan irensten duela. Euskaraz ere bizi nahi duenak primeran ulertzen du gertatzen dena: ulergarritasunaren izenean dena da gaztelaniaz irakasleen klaustroan, eskola kontseiluan, guraso elkartean, eskolaz kanpoko jardueretan…
Gorrototik ari direnen tiroak ondo identifikatzen dira, boteretsuak dira eta zauri sakonak eragin ditzakete. Indiferentziaren lubakikoak ez dira hain agerikoak, baina luzerara seguruenik haiek kaltegarrienak. Eta zaletasunetik ere egiten da tiro, batzuetan ohartu gabe; min gutxiago egiten dute, baina hauek ere berdin dira hilgarri.
Indiferenteen esparrua ukitu du euskaldunaren urrats txikiak Nafarroan eta erantzuna tinkoa da: "Izan euskaldun nahi baduzu, baina ez zipriztindu nire pribilegioak, nire diruak, nire eskubideak, nire erosotasuna...". Zaratarik ez zaio komeni euskarari. Izquierda-Ezkerrako lerroetan, esaterako, maiz entzuten da halakorik. Hau da, urte luzez gurasoek euskarazko haur eskolak izateko egin mobilizazioek ez dutela zerikusirik orain Udalak euskarazko bi haur eskola irekitzearekin. Hau da, honaino iritsita, zerrenda bakarrarena ahaztu behar dela orain?
Min bai, baina poza ere ematen du Cordovillako Brigadaren tiro hotsa entzuteak. Bizi-bizi gauden seinale. | news |
argia-032bf7147a15 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/zuhaitz-turismoa.html | Zuhaitz turismoa | Jakoba Errekondo | 2016-02-28 | Zuhaitz turismoa
"Sustraietatik / buruko zozoraino / oro da zuhaitza", idatzi zuen Josetxo Azkona poetak. Ez dut zuhaitzak burutik kentzerik. Urte pare bat badaramat etxerako sarrerako bidea hasten den txokoan jartzeko zuhaitz bat aukeratu ezinik. Toki deigarria da, eta bertan jartzen dena nabarmena izango da beti. Bertan bizi izan da, urte batzuez, gure aitak elorri zuri ( Crataegus monogyna ) baten gainean txertatutako mizpirondo bat ( Mespilus germanica ). Urte pare horixe da hil zela, eta harrez geroztik, bertan aldatzeko ordezko berezi bat nahi eta ezin hauta. Zuhaitz askok dute bertan jartzeko adina merezi, bai alajainena. Neuk bakarra nahi, ordea, hazteko eta izateko nahikoa toki izan dezan.
Urtero hautatzen da Europako zuhaitza ere. Txekian aspaldi hasitako ohitura da, orain ia Europa osora hedatua. Ez da handiena edo zaharrena saritu nahi, inguruko kulturarekin duen lotura baizik. Otsailean eman daiteke botoa, honoko webgune honetan: www.treeoftheyear.org. Bertan dituzu hautagaiak, zein baino zein dotoreago. Elkarte ugarik parte hartzen dute, eta bakoitzak berea loriatzen du. Hauek "lehiakideak": txekiarra eta alemana dira bi ezki hostozabal ( Tilia platyphyllos ), irlandar pago bat ( Fagus sylvatica ), frantziarra da Atlaseko zedro urdin negarti bat ( Cedrus atlantica "Glauca Pendula"), eslovakiarra udareondo bat ( Pyrus communis ), ingelesa maaltza da ( Pyrus pyraster ), nabarmen ugarienak haritzak dira: sei kandudunak ( Quercus robur ) belgikarra, bulgariarra, poloniarra, irlandarra, galestarra eta estoniarra; kandugabea ( Quercus petraea ) eskoziarra; eta ilaunduna ( Quercus pubescens ) hungariarra. Xelebreena espainiarra, bikote bat da: ametz ( Quercus pyrenaica ) baten gainean bizi den pinu gorria ( Pinus sylvestris ).
Hautatzeaz ari garenez, merezi du webgune horretan sartu-atera bat egitea. Zuhaitz bakoitzaren inguruko berri ematen du, baita bakoitzaren kokapen zehatza ere, GPS koordenatuekin. Oporretan nora jo hautatu ezinik bazabiltza, heldu zuhaitz turismoari. | news |
argia-b9e4ba2de204 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/austeritatearen-kontrako-b-plana.html | Austeritatearen kontrako �B plana� | Juan Mari Arregi | 2016-02-28 | Austeritatearen kontrako �B plana�
Kapitalismo basatia –gaur egun neoliberalismo deitzen dioguna–, Europan eta Europar Batasuneko instituzioetan dago. Bozetan hautatuak izan ez direnek (multinazionalak, bankuak, inbertsio funts handiak...) euren lobbyekin eta presioarekin EBren batzordeak kontrolatzen dituzte, euren intereseko araudi eta legeak markatuz. Kapitalaren edo merkatarien Europa izenez ezagutzen dugun horren parte dira. Presio talde horiek inposaturiko doikuntza politiken ondorioak langileek eta herritarrek jasaten dituzte: langabezia eta txirotasuna, soldata eta pentsio eskasak, murrizketak osasungintzan, hezkuntzan eta menpekotasun laguntzetan...
Errealitate horren aurrean, Europako ezker politikoa, jendartea eta sindikatuak isolaturik eta elkartu gabe egon dira. Greziak 2015ean erakutsi zuen EBn konkista sozialak defendatu ahal izango ditugula soilik lortzen badugu mugaz gaindiko mobilizazioak sortzea. Zentzu horretan, onuragarriak dira austeritatearen kontrako Europako "B plana" eraikitzeko egiten ari diren saiakerak. Lehen pausoak Alemanian eman dira, Varoufakis greziar ministro ohiaren eskutik, DIEM25 proposamenarekin. Pasa den asteburuan Madrilen izan du jarraipena proposamen horrek, eta bertan euskal ordezkariek ere hartu dute parte.
Zutabe hau idazten ari garenean, oraindik ez dakizkigu Madrilgo europar gailur alternatibo horren ondorioak. Ea denok batera urratsak emateko oinarriak jartzen diren, eta Europar Batasunaren politikek eta kapitalismoak inposaturiko austeritatea, desoreka, pobrezia, langabezia, iruzur fiskala eta abarren kontra elkar hartuta borrokatzen hasten garen. | news |
argia-af08dae448b2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/gero-eta-gazteagoak-gara.html | Gero eta gazteagoak gara | Edu Zelaieta Anta | 2016-02-28 | Gero eta gazteagoak gara
Badago kategoria sozial bat aspaldion indar betean diharduena, inoren muzinik jasotzen ez duena: gaztearena. Izan ere, denok gara gazteak, eta gaztea ez denak ere gazte nahi du izan. Gaztetasunaren aldarri totalean bizi gara, kontsumo-jendarteak gaztetasunari ustez dagozkion balioak marketinaren laguntzaz ederki hauspoturik. Inor iraindu nahi izanez gero, lasai iradoki haren adinarekin gazte izatea gauza nekeza dela.
Denok gazteak garenez gero, ezin kabitu larria adierazten hasiak dira "gazte" kategoriaren ahaide hurbilak diren zenbait hitz, eta gero eta jende gehiago sartzen dugu –gara– zaku sozial eta semantiko berean. Esandakoaren adibidea izan daiteke "emakume/andre" eta "gizon" hitzak gero eta gutxiagotan erabiltzen ditugula "neska" eta "mutil" erakargarriagoen mesedetan. Hain da handia indarraldi hau, ezen haurrek ere "neska-mutil" esaten baitiete haien (lagunen) gurasoei; ikasgelako kideei bezalaxe, alegia.
Berezko errealitate anitza homogeneizatzeko arriskua dakar pertsona guztiak gaztetzeko txirrintak: neska-mutilez bete zaizkigu ikastetxeetako patioak, hiriko dendak, kultur ikastaroak eta, harrapazank, bulego-lantegiak. | news |
argia-6b272ae90f5a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/kazetariak-mehatxupean.html | Turkiak ez du traidorerik nahi | Anakoz Amenabar | 2016-02-28 | Turkiak ez du traidorerik nahi
Erdoganen gobernuak gero eta jarrera autoritarioagoa du oposizioko indar guztien aurka. Komunikabideak dira bere jomugetako bat, eta ez bakarrik kurduak, orain arte bezala. Adierazpen askatasuna urratzen ari dira,
modu sistematikoan.
Mahai gainean pilatuta dauzka Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek herrialdeko arazo ugarien karpetak –Ipar Kurdistanen gerra, ISISen atentatuak, gatazka diplomatikoak, ustelkeria, eskubideen aldarrikapenak–, eta hala ere badauka sistematikoki komunikabideetan esku hartzeko astia ere. Edo, hain zuzen ere, gatazka horiek mozorrotzeko behar ditu kontrolpean kazetariak. Izaera kontua ere bada. Sultan anbizioa duen liderrak ezin ditu kritikak jasan.
Urrutira joan gabe, 2015eko amaieran, kazetariak espetxeratu dituzte, telebista debekuak ezarri –azkena, joan den asteko Anakarako atentatuaren ondotik– eta erredakzioak harrikatu dituzte gobernuaren aldekoek. Prentsa askatasunaren sailkapenean Turkia 149. tokiraino jaitsi du Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak; Maroko, Palestina edo Mexikoren atzetik. "Arraroa da", dio Stefan Martens Hurriyet Daily News -eko editoreak. "Ez daukagu pistolarik kokotean… baina, diotenez, munduko demokraziarik autoritarioenean bizi gara, edo erregimen autoritario askeenean".
Hurriyet Turkiako egunkari erreferentea da, bigarrena irakurle kopuruan eta, orain arte, Erdoganen alderdiaren AKP gobernuarekin kritikoa. Autoritarismoa eta islamaren neurrigabeko hedapena kritikatu dute. Jarrera hori larrutik ordaintzen ari dira orain.
Istanbulen kanpoaldean dauka Hurriyet -ek egoitza nagusia, Dogan konpainiako beste hedabide batzuekin batera. Ezohiko segurtasun hesiak igaro behar dira lantokira sartzeko: burdinazko ate automatikoa, polizia Heckler & Koch MP5 metraileta soinean, guardia pribatua, metal detektagailua... Gaztelu eta espetxe, bietatik du asko punta-puntako erredakzio modernoak. Irailaren 7ko gertakizun larriek gotortu zuten eraikina.
Iluntze hartan dozenaka furgoneta gelditu ziren Hurriyet -eko egoitza parean. 150 lagun inguru zeramatzaten. Harriak esku batean, Turkiako banderak bestean, aterantz jo zuten. Zalapartaren erdian baita AKPko parlamentari bat ere. "Lezioa merezi genuela zioten", gogoratu du Martens kazetariak, "jada Turkian ez duelako Hurriyet -ek agintzen". Sarreran txikizioa eragin zuten. Kristalak apurtu zituzten, baina ez ziren barruraino sartu. Ez zen azken erasoa izan. Bi egun beranduago, Ahmet Hakan zutabegile ospetsua Hurriyet -etik etxeraino jarraitu zuten eta kalean bertan jipoitu. Abenduaren 25ean, kazetaren zuzendari Sedat Ergin-en kontra bost urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskaltzak, Erdogan iraindu zuelakoan. "Presio handia du gainean, ez du elkarrizketarik eskainiko", ohartarazi dute egunkariko lankideek.
"Bi bandotan zatituta daude kazetariak: AKPren aldekoak eta aurkakoak. Gobernuaren irizpideak hitzez hitz jarraitzen dituztenak eta mehatxupean daudenak". Ilya Topper M'Sur -eko kazetariak argitu du hori: "Atzerriko hedabideetan ari diren turkiarrak traidoretzat dauzkate". Beste korrespontsal beterano batek –segurtasunagatik nahiago du izena ezkutuan mantendu– uste du gero eta gutxiago direla hedabide nagusietan gobernua kritikatzen dutenak. "Argi hitz egiten dutenak ausartak dira, aitortu behar zaie. Espetxean daude asko".
Begiraleen salaketa
Urte hasieratik kartzelan daude, esaterako, itzal handiko bi kazetari: Can Dundar eta Erdem Gul, Cumhuriyet egunkariko editoreak. Zerbitzu sekretuei buruzko erreportaje bat publikatu zuten. Espioitza eta traizioa egotzita, bizitza osoko espetxealdia ezarri nahi diete. Nazioarteko eta etxeko kritikak gorabehera, Erdoganek jendaurrean emandako hitza bete zuen: "Garesti ordainduko dute artikulu honen egileek". 30 kazetari inguru dauzkate espetxeetan gatibu.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiek ondo ezagutzen dituzte Ankarako erakundeen urraketak. Turkia da Estrasburgoko epaiketetan gehien aipatzen den herrialdea, auzi guztien %18 bertatik dator, Kurdistandik batez ere. Jakinarazi duten azken epaia komunikabideen esparrukoa da. Nokta aldizkariko kazetarien alde egin du auzitegiak, adierazpen askatasuna urratu zietela ebatziz. 2007an artikulu batengatik atxilotu zituztelako 4.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio estatuak bost laguni.
Giro politikoa arnastu ezinezko bihurtzen ari da askorentzat. Lubaki banatan daude batzuk eta besteak, AKPkoak eta gainontzekoak. Istanbulgo Beyoglu auzoko taberna baten jabeak etsipenez dio, "kalean hotz egiten du, baina giroa sutan dugu Turkian. Honek horrela jarraitzen badu, dena pikutara joango da". Beste hitz batzuekin, Human Rights Watch -ek ere berriki salatu du egoera: "Oposizioari beldurra, kritikari ikara eta eskubideak aldarrikatzen dituztenei izua. Lekuko izan gara. Azken urtean giza eskubideen hondatze handiena bizi izan dugu". Gauza zaharra da, edonola ere, batez ere kurduek pairatu dutena, baita beste gutxiengo etnikoek ere.
Hrant Dink kazetari armeniarraren omenaldiak ehunka lagun bildu ditu urtarrilaren 19an, 9 urte bete dira bi tiroz hil zutenetik Istanbulgo etxe atarian. Justizia eskatzen duten oihuekin bat, "AKP faxista" da lelorik entzunena. Tayyip Erdogan izena hainbatetan entzun da bozgorailuetatik. Zigor sententziarik gabe ere, hatz guztiek presidentea seinalatu dute arduradun.
Erdogani parean jarri zaion edonork gorriak eta bi ikusi ditu: kultura mundukoak izan, akademikoak, enpresariak edo kazetariak
Erdogani parean jarri zaion edonork gorriak eta bi ikusi ditu, kultura mundukoak, akademikoak –18 irakasle atxilotu dituzte bakearen aldeko manifestua sinatzeagatik–, enpresariak edo kazetariak izan. "Kazetaritza akabatzen ari dira. Poliki-poliki demokraziarenak ere egingo du", idatzi du Kadri Gürsel zutabegile turkiarrak. Iritzi hori gizartean hedatua dagoela baieztatu berri du Kadir Has Unibertsitateko lan batek. Turkiarren %59,7k uste du prentsa askatasunik ez dagoela. %56,5 dira demokraziarik ez dagoela diotenak.
Komunikabideek jasotzen dituzten presioak modu sotilean garatzen dira gehienetan. Zigor ekonomikoak, boikoterako deiak, presidentea iraintzearren salaketak, hedabideen jabego aldaketak… " Milliyet egunkari kritikoa saltzera behartu zuen gobernuak, Sabah kazeta ere Erdoganen meneko enpresari batek erosi du, Zamam egunkariko zuzendariak 14 hilabeteko espetxe zigorra du presidentea iraintzeagatik", zerrendatu du Andres Mourenza El País -eko korrespontsalak. " Digiturk telebista urrian debekatu zuten eta Kanal 7 telebista Erdoganekiko kritikoa zen, haren jabeari aireportu bat eraikitzeko baimena eman zioten arte".
Emititzen jarraitzen dutenek gobernuaren oharrak jasotzen dituzte aldiro, Sultanahmet-eko atentatuen irudiak debekatzetik "familia tradizionalaren baloreen" kontra doazen emisioak zigortzeraino. Mendebaldeko herrialde guztietan bezala, telebista da oposizioaren erasoetatik zaindu beharreko organo nagusia. Komunikabide tradizionalez gain, Turkiak interneten gaineko kontrol neurriak hartu ditu. Twitter, Facebook edo Youtube atariak blokeatu ditu hainbatetan, baita Kurdistango informazioa eskaintzen duten webguneak ere. "Sare sozialak dira gizartearen mehatxu handiena", esan zuen Erdoganek Gezi parkeko protesten traolek 2013an Twitterren gainezka egin zutenean.
CNN Turk telebistari gertatu zaionak ederki irudikatzen du komunikabideak estutu eta liderra babesteko obsesioa. Albistegietan kontatu zuten nola CHP alderdi sozialdemokrataren presidentea auzipetua izan zen "erdipurdiko diktadore" deitu ziolako Erdogani. Bada, CNN Turk -en errotulu batean zera idatzi zuten, kakotx eta guzti: "'Diktadorea' auzitan". Telebista katea bera da orain fiskaltzaren ikerketapean dagoena, hain zuzen ere, errotulu horrekin, Erdogan iraintzeagatik. | news |
argia-6490da419d6d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/erlojuak-eta-tribuak.html | Erlojuak eta tribuak | June Fern�ndez | 2016-02-28 | Erlojuak eta tribuak
Hedabideek ikerketa bat zabaldu dute: 1975 eta 1979 urteen artean jaiotako emakumeen ia herenak ez du seme-alabarik izango. El País egunkariak, "gehiegi itxaroteagatik" amak izango ez diren emakumeen "drama" kontatu du. Adituen esanetan –gehienak gizonezkoak–, arrazoietako bat prekarietatea da, beste bat bikote harreman egonkorra "beranduegi" topatzea. Gizonezko aditu horiek diotenez, emakumeen "ugalketa ametsak" betetzeko baliabideak jarri behar dira, esaterako, doako haurtzaindegiak. Espainiko Estatua amatasuna gehien atzeratzen duen Europako herrialdea omen da, kontziliazio politika egokien faltarengatik. Espainiako Ugalkortasunaren Elkarteko kide batek, Isidoro Brunak, beste arrazoi bat eman du: emakumeon kontzientzia falta. Hau da, ez dugu kontuan hartzen gure "erreserba obarikoa" agortzen ari dela, uste dugu, Anne Igartiburu bezala, 45 urterekin haurdun geratu ahal izango garela. Tuntunak eta arduragabeak gara, alegia.
Gizonezko adituek diotenez, nire adineko emakumeok erne egon behar dugu, ezin dugu erlojuaren tiki-taka ahaztu. Ahaztu? Posible al da ahaztea? Ugalketa kliniken publizitatea nonnahi dago; hedabideek krisi demografikoari buruz etengabe dihardute, eta familian "luzaro barik pasako zaizu sasoia" bezalakoak entzun behar ditugu. Beno, lesbianak bagara
Gai honi buruz beste hedabideetan topatu ditudan erreportajetan ere emakumeen sufrimendua eta frustrazioa dira nagusi. Amatasunaz, ez aitatasunaz, hitz egiten dute beti. Bikoteak aipatzen dira –denak gizonezkoak–, argazkietan ere agertzen dira, baina ez da euren testigantza jasotzen eta ez da mundura umerik ekarriko ez duten gizonen portzentajea zehazten. Ama ez izatearen erabakia gozatzen duten emakume gutxi agertzen dira, eta seme-alabak izateaz damutu den amarik ez dago, noski.
Gizonezko adituek diotenez, nire adineko emakumeok erne egon behar dugu, ezin dugu erlojuaren tiki-taka ahaztu. Ahaztu? Posible al da ahaztea? Ugalketa kliniken publizitatea nonahi dago; hedabideek krisi demografikoari buruz etengabe dihardute, eta familian "luzaro barik pasako zaizu sasoia" bezalakoak entzun behar ditugu. Beno, lesbianak bagara.
Abortatzeko eskubidearen borroka irabazi dugu baina gizarte patriarkalak gure uteroak kontrolatzeko tresna gehiago ditu. Esaterako, "gehiegi itxaroten" badugu, zoritxarrekoak izango garenaren mehatxua.
Bitartean, nire inguruan, askok argi daukate seme-alabak nahi dituztela; askok argi daukate ez dituztela nahi. Beste batzuek ama izateko erabakia ezinegonez bizi dugu: zalantza, oztopo, presio eta beldur mordorekin. Baina, erabaki hori hartzeko orduan gure amak eta gure amamak baino libreagoak gara. Umerik ez izatea aukera bat dela dakigu. Familia nuklear erradioaktiboa apurtzeko aukera ere badaukagu. Senarrik gabe, gure emakumezko bikotearekin edota polimaitasun ereduak probatuz familiak sortu ditzakegu. Hori bai: Espainiako Gobernuaren diskriminazio politikarekin topo egingo dugu.
"Tribuan", komunitatean, hezteko ereduari buruz berriro ere asko hitz egiten da, baina normalean amak direnen artean batez ere. Amatasunaren "ametsa" –nik "agintea" esango nuke– bete ez duten emakumeen testigantzak irakurtzean burutapen bat izan nuen: haur bat "izatearen" behar hori kapitalismoak sortutakoa da. Familia nuklearra eredu indibidualista dela, jabetza pribatuarekin lotutakoa. Egon badaude seme-alabak izan ez dituzten pertsonak, baina horiek haurrak –ilobak edota lagunen seme-alabak, besteak beste– hezten laguntzen dute. Familia eredu komunitario baten aldeko apustua egingo bagenu, seme-alabak izateko aukera ez dutenek agian ez lukete porrot sentimendu hori sentituko, tribuan bere papera izango luketelako. Hasteko, beldurrak astintzeko eta erlojuak birrintzeko, irribarre bat jar dezagun "katuen atso zoroaren" irudian. n | news |
argia-7bd5b5f8237b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/erradioaktibitatez-senda-zaitez.html | Erradioaktibitatez "senda" zaitez | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-02-28 | Erradioaktibitatez "senda" zaitez
New Jersey (AEB), 1918. Radio Bailey Inc. laborategiek Radithor izeneko produktua merkaturatu zuten, "hildako bizidunentzat osabidea" lelo ezin egokiagoarekin. Radithorrek ur destilatua eta radio-226 eta 228 elementuak zituen, biak oso erradioaktiboak. Produktuak bertute ikusgarriak zituen: dena sendatu eta betiko poza ematen omen zuen. Erosleak konbentzitzeko, erradioaktibitatea "ziurtatuta" zegoela nabarmen adierazi zuten flaskoan bertan.
1930ean Tho-Radia aurpegiko krema saltzen hasi ziren Frantzian; 100 gramoko, 0,5 gramo torio kloruro eta 0,25 gramo radio bromuro zituen. Alemanian, aldiz, Doramad azaldu zen merkatuan, erradioaktibitateari esker hortz-haginak eta oiak indartzen zituen hortzetako pasta. Erradioaktibitate dosiak txikiak ziren eta, ondorioz, produktua ez zen berez hilgarria; erabiltzaileei hortzen bat geratu ote zitzaien ez dakigu.
Alemanian bertan, 1931n, Burk & Braun enpresak Radium Shokolade merkaturatu zuen, adin guztietako gozozaleentzako txokolate erradioaktiboa.
Eta produktu sorta osatzeko, Vita Radium supositorioak atera zituen Coloradoko Home Products Companyk. Primerakoa omen zen sexu-grina berreskuratzeko, gorputzeko sistema guztiei mesede egiten zien eta, hori gutxi balitz, hemorroideen aurka oso eraginkorra zen. Parean topatzen zuen guztia garbi zezakeen, literalki, kontsumitzailea barne.
Produktu erradioaktiboak merkatutik kentzeko prozesua ez zen berehalakoa izan; Radiumscope haurrentzako jokoa 1942. urtea arte egon zen saltokietan. Baina 1932an produktuon gainbehera hasi zen, Radithorren kontsumitzaile sutsu eta ezagunena hil zenean.
Eben Byers (1880–1932) kirolari eta industrialari ezaguna 1927an hasi zen Radithor hartzen, osasunari mesede nabarmena egiten ziola sinetsita. 1930ean "sendagaia" hartzeari utzi zionerako, 1.400 botilatik gora zeuzkan edanak. Gorputza abzesuz josita zeukan, garezurra zulatzen ari zitzaion eta masailezurraren arrastorik ez zitzaion geratzen. 1932ko martxoaren 31n, komunikabideek "erradiazioak pozoituta" hil zela jaso arren, radioak eragindako askotariko minbiziek eragin zuten Byersen heriotza.
Material erradioaktiboen arriskuez jabetzen eta neurriak hartzen hasteko balio izan zuen horrek. Byers, badaezpada, berunez estalitako hilkutxa batean ehortzi zuten. | news |
argia-f1d676945721 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/bost-truke-liburua.html | Euskara jendeak Andeetan, Kurdistanen eta Serbian | Miel Anjel Elustondo | 2016-02-28 | Euskara jendeak Andeetan, Kurdistanen eta Serbian
Ez dago nahi gabe idazten duenik, nahiz eta harrabotsik gabe heldu zaigun irakurleoi Jon Sarasuaren Bost truke (Pamiela, 2015). Hizkuntza kooperazioa helburu, hara eta hona egindako bidaiak eta, are, han-hemen ezagututako hizkuntza-jendeak gogoeta iturri zaizkio. Munduaz pentsatzeko modu hoberik ez.
Asko usteko ez zuela, bost herrialdetan izatea –ez besterik gabe, postalik postal ibiltzea, izatea baizik–, egokitu zitzaion Jon Sarasua irakasleari 2014ko maiatzetik 2015eko apirilera. Gutiz gehienetan hizkuntzaren gaineko elkarlanak deiturik jo zuen Garabideko kideak Kolonbia, Bolivia, Kurdistan, Ekuador eta Serbiara. Sarasuak berak dioskunez, "hiztun komunitateetako muineko geruza antolatuekin epe luzeko bidaidetza egitea da gure iparra, zubi iraunkorrak sortzea". Egiteko gaitzak eraman du Sarasua bost herrialdeotara, eta herrialdeak izendatuagatik ere, muinean zalantza du Garabidekoak, zapaldu dituen herrialdeen izenak izendatu behar dituen "ala nasekin, kitxuekin, kurduekin… izan naizela jartzea dagokidan. Bolivian gobernukoekin jardun nuen eta hiztun komunitate desberdinetakoak ziren tartean. Eta orduan zergatik ez esan kurduekin ze estatutan egon naizen? Kurdistan sartzen badut, zergatik aipatu Ekuador eta ez kitxua herria? Eta abar. Euskaldunen burujateak". Horratik, ez du izango burujate ez burutxikitze bakarra, liburuan askoz ere gehiago baitira zinezko zalantzak azpildurarik gabeko ziurtasunak baino. Sarasuarenak ez ezik, belaunaldi oso batenak litezke ziurgabetasunok.
Hiztunpolisa (Pamiela, 2013) argitaratu eta han zurian beltz jarritakoak defendatu eta zabaltzetik dator Jon Sarasua, baina honako Bost truke hau, aldiz, aurrekoago baten uztarrikoa da, Ertzeko zatiak (Argia, 2010) lanaren eite bereko, Brasilera-eta egindako lan-bidaietan batutako oharrez osatutako liburuaren bizki. "Ustekabean urtebeteko epean bost apunte sorta desberdin pilatu zirenean, liburu bat atontzeko moduko zirkulua osatu zela sentitu nuen, truke-lan horien instantanea gisan, urtebeteko jasokinen argazki moduan".
Diskurtsoetatik harago
Sarasua ez da entzule soil joan jendarteotara. Beti da hizlari, eta hizlari bezainbat entzule nahiz ikastari. Itzulian, gisako gogoetak ekarri dizkigu, parteka ditzagun, nahieran.
Eta zergatik da, lehenik, euskalduna bateko eta besteko foroetan solaskide? "Zergatik? Ze 'meritu' dauka euskararen herriak esker on eta erakarpen hori sortzeko? Gure hizkuntzaren egoera erdipurdikoa eta gure 'erromesaldi herrena' ikusita, besteen aurrean eredu agertu behar ote dugu ba? Lotsa apur bat eman behar liguke". Esaterako, horixe izango da liburua, has eta buru, tindatzen duen kolorea: klixe ezarrietatik eta politikoki zuzen diren hitz eta iritzietatik aienatzeko guztizko borondatea.
Konparazio batera, hizkuntza eskubideen lege proiektu bat abiarazten parte hartu du Sarasuak Ekuadorren. Artikulatua osatu dute, atal, kapitulu eta artikulu, eta horretan, Euskal Herriko eskarmentua darama bizkarrean Sarasuak: "Irudikatzen duzue ni bezalako euskalzulo 'sutsu' bat Ekuadorreko taldeak proposatutako artikulu ausartenei beherapenak ezartzen? Zuhur dabil garabidetarra. Lege ona nahi du, inoiz baino hobea, baina salduko dena. Eta gauza handirik jakin gabe ere, bere kartak jokatzen ari da. Eta ikasten, batez ere asko ikasten". Lantzen ari diren testua, alabaina, ez da legea, aurreproiektuaren zirriborroa besterik. "Eta ontasunaren eskala absolutuan, zenbat eta hobea izan [lege aurreproiektua], orduan eta zailagoa da aurrera ateratzea. Halaxe dago hizkuntzen gaia munduan". Hitzean eta hortzean beti "oso garrantzitsua" hizkuntza, baina, egiatan, bigarren edo hirugarren mailako gai agintari politiko nahiz herri eragile askoren agendan. Kitxuena da kexua: "Borrokan ari diren buruzagiek ez diete transmititzen hizkuntza seme-alabei". Orain ere esan genezakeen, "halaxe dago hizkuntzen gaia munduan", eta Euskal Herrian.
Diskurtsoetatik harago, beti
Beste batean, Kolonbian, hitzaldia egin ondoren lekuko mutu ikusiko du bere burua Jon Sarasuak. "Hitzaldiaren ondorengo galdera, iruzkin eta mini-diskurtsoetan hartzen du batek bere inpaktuaren tenperatura. Gaur gehienak ihes egin dit, nasaz jardun baitute gehienek, bereziki zaharrenek". Arbelean querer hitza handiz idatziz ekin dio bere tarteari Sarasuak: "… eta galdetu dut ea zer den benetan nahi dutena, zer izan nahi duten. Baliteke nasak izaten jarraitu nahi izatea, eta baliteke nekazari kolonbiar izan nahi izatea. Biak dira zilegi. Baina zer nahi du bakoitzak benetan, diskurtsoetatik harago? Isiltasuna egin dut minutu pare batez". "Nahi", zer nahi du bakoitzak, zer nahi dugu guk denok batera?
Arestian hizpide hartu dugun hitzaldia egin eta egun batzuetara, Kolonbian barna, indigenen eta gobernuaren arteko negoziazio garaian fortunatu da Sarasua. Biltzarrak egiten ari dira indigenak, eta iparraldeko biltzarrean da Sarasua. "Hemen ez dago aurreko eguneko komunitateetako jardunaldietan izandako konturik hizkuntza aldetik. Haietan %60 ulertu gabe geratu nintzen. Hemen dena ulertzen dut: 'Egun on' esaten dute nasaz, eta zuzenean harira gaztelaniaz". Han, eta hemen, diskurtsoetatik harago beti.
Sarasuaren Bost truke ren meritu eta merezimendu da hotzetatik etorritako inkesta-azterketen, ez aurka, baina haien ondoan, bizidunok ibiltzen ditugun eguneroko bide humanoetatik gu ibilaraztea, hiztun komunitate jakin bateko kide izan nahi dutenen ahal eta ezinak betsarerik gabe bistaratzea, galderak egitea eta erantzuten saiatzea –ez beti–, inguratzen gaituen munduari begiratu eta hura ikustea, arrotzarekin solastatzea, hitza hartuz bezainbat adituz. Sarasuak, muinean, bat egin du nasarekin, aimararekin, kurduarekin, kitxuarekin, eslaviarrarekin. Euskara jendearekin. Orainean bizi da, zangalatraba hizkuntzaren iraganaren eta etorkizunaren artean, erromes. | news |
argia-a3e2415a2cee | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/baleazaleak-arriskuan.html | Baleazaleak arriskuan | Xabier Etxaniz Erle | 2016-02-28 | Baleazaleak arriskuan
Euskal arrantzaleek hainbat abentura izan dituzte historian zehar, bai eta gure zaldun eta marinelek; hala ere, oso gutxi dira horien inguruko literatura lanak. Aurreko batean orri hauetan bertan komentatu genuen Justin Hiriart komiki lana dugu lan bakanetako bat. Eta azken hori bezala, Kearen fiordoa abenturazko lan interesgarri eta entretenigarria ere badugu.
1615ean Islandiako mendebaldeko fiordoetan jazotako gertakari historiko batzuetan oinarrituta, Iñaki Petxarromanek nobela historiko guztiz interesgarria idatzi du. Euskal marinelak, ohiko arrantzaldia egin ondoren, harrapatuta geratu ziren eta hala zeudela islandiarren eraso bortitza jasan. Euskaldunen artean hildako ugari izan ziren (sarraskitzat hartu izan da hainbat lanetan hogeita hamabi lagun haien hilketa) eta hango istorioen/historiaren narrazioa da nobelan aurkezten zaiguna, kasurik gehienetan benetako pertsonaien izenak erabiliz.
Martin Villafranka dugu horietako bat, kapitain gaztea, esperientzia gabekoa eta aurreko ibilaldietan Islandiako neska batez maitemindua. Petxarromanek, nobela historikoetan gertatu ohi den bezala, errealitatea eta fikzioa uztartzen dizkigu, dosi neurtuetan irakurketa erakargarria lortuz. Eta benetan lortzen du irakurleak abenturetan harrapatzea. Euskaldunen larritasuna, beldurra, kemena senti daitezke narrazioan. Bai eta Martinen eta Huraren arteko maitasuna edo Jon Gudmundsson artzain protestantearen eta Pedro euskaldunaren arteko adiskidetasuna ere.
Euskal baleazaleak Islandiako fiordoetan harrapatuta geratu dira, itsasontziak gainera urperatuta ekaitz baten ondoren, eta egoera horretan, Ari Magnusson magistratuak bertakoak bidaltzen ditu euskaldunen kontra, bortxaketak, lapurretak eta beste hainbat gaiztakeria leporatuta. Intriga eta tentsioa ageri zaizkigu, jakin ere badakielako irakurleak ez dela amaiera zoriontsua duen maitasunezko nobela horietako bat; eta hori argi geratzen da Martinen heriotza jazotzean. Lehenago ere beste eraso batean egoeraren gordintasuna nabari da, bizitzaren balio eskasa lurralde haietan. "Ikararen mende iritsi da Ramiro Martinengana, egunak eta gauak mendi izoztuetan barrena ibili ondoren, ia ezer jan gabe (…). Ia hitzik egin gabe ulertu du Martinek dena, herioa islatzen baita Garziaren begietan".
Azken batean Kearen fiordoa gertakari historikoetan oinarritutako nobela bizi eta irakurlea harrapatzen duten horietakoa dugu. Abentura, maitasuna, adiskidetasuna, nahikeria eta beste hainbat sentimendu, gertakari, pasadizo biltzen dituen nobela ederra. Gure historia hobeto ezagutzeko balioko du Iñaki Petxarromanen lehen lan honek, bai eta une atsegina igarotzeko, zalantzarik gabe. | news |
argia-0839d63e05be | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/anorgako-rezola-porlan-fabrika.html | Errausketa Onkologikoaren sudurretan | Pello Zubiria Kamino | 2016-02-28 | Errausketa Onkologikoaren sudurretan
Gipuzkoar gehienek ez dakiten arren, dagoenekoz hondakinak erretzen ari da zementu fabrika bat Donostiako Añorgan, udaletxetik bezala Zubietako erraustegiaren 0 eremutik 4,5 kilometrora. Kilometro eta erdira dauzka: Poliklinika, Onkologikoa, Donostialdeko hiru ospitaleak, EITBren egoitza eta Batzar Nagusiak. Hernaniko eta Lasarteko udalak 2,6 kilometrora.
2015eko urtarrilaren 19an donostiarrak beren danborrak prestatzen ari ziren ordu berean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen zuzendari Alejandra Iturriozek hondakinak erretzeko 2008tik daukan baimena zabaldu eta lasaitu zion Sociedad Financiera y Minera S.A.ren (gaur Italocementi multinazionala) Rezola porlan fabrikari.
Eusko Jaurlaritzak hondakinen errausketak eragindako dioxina, furano, metal astun, HF eta beste kutsagarrien kontrolak arindu dizkio Rezolari 2015eko urtarrilean
Urtean 635.000 tona porlan ekoizteko gai den Añorgako produkzio katean hiru gunetan erre ditzakete hondakinak. Hasteko, porlana egiteko lehengai gisa erretzen dira, harri, kare eta abarren ordez. Rezolak labean bota ditzake, beste fabriketatik ekarrita: egur edo biomasaren errautsak, siderurgiako eskoriak, gasak filtratzeko erabilitako lohiak, araztegietako lohiak erretzetik sortutako errautsak eta abar. Hondakin kopuru handienak balorizazio materiala deitzen den atal honetan erre ditzake eta kiskali ondoren porlanarekin nahastuta ateratzen dira fabrikatik.
Bigarrenik, porlana ekoizteko erregai gisa erabili ditzakete "ez arriskutsutzat" katalogatutako hondakinak: haragi irinak, egur, zerrauts, txirbil eta antzekoak, pneumatiko zaharrak, auto zaharren osagai ez metalikoak, araztegietako lohi idortuak, bestelako plastiko eta kautxuak, bestelako hautsak, gaika edukiontzi horian bildutako ontzi arinen soberakinak… Horietatik Rezolak 39.900 tona erre ditzake urtean.
Baina, gainera, Rezolak erregai modura erabili ditzake hondakin arriskutsuak ere, baimenak espresuki aipaturik: "Residuos peligrosos admitidos como combustibles alternatibos" , beren osagaietan substantzia arriskutsuak daramatzatenak. Baimenak zehazten duenez, CDR (Hondakinetatik Eratorritako Erregaiak, gaztelaniazko siglatan) horietan nahastuta joango dira lohiak, pinturak, bernizak, disolbagarriak, tintak, argizari industrialak, koipe eta olioak, eta abar.
2015eko urtarrileko aldaketarekin, hondakinen zerrenda luzatzearekin batera, bigarren aldaketa bat onartu dio Jaurlaritzak Rezolari: aurreko baimenean eskatzen baldin bazitzaion erregai klasikoen artean (petrolio-kokea eta abar) zaborrak ere sartzekotan horiek eduki behar zutela gutxienez kiloko 2.000 kilokaloria sortzeko ahalmena, orain aski dute 1.500 kilokaloria sortzen dutela argudiatzea labean kiskaltzeko.
Kutsaduraren kontrolak arindu
Hirugarren aldaketa handia, hondakinen errausketak eragindako kutsaduraren kontrolak arindu zaizkiola enpresari. Munduko Osasun Erakundeak oso arriskutsutzat jotako gai kutsakorrez ari gara, dioxina, furano, metal astun, azido fluorhidriko (HF) eta abarrez.
Aldaketok onartu dizkio Jaurlaritzak: azido fluorhidrikoa ez du uneoro jarraian neurtu behar 2008ko baimenean agindu bezala, urtean bitan egitea aski du; dioxinak eta furanoak urtean lautan neurtzea agindu bazioten 2008an, orain aski du urtean bitan neurtuta; metal astunen kontrola urtean lautan egiteko ordez orain urtean behin eginda aski du. Horiek Rezolako tximinian. Bestalde, enpresak fabrika aurrean kutsadura neurtzeko daukan etxolan partikulak eta SO2 lehen bezala uneoro neurtu behar ditu, baina dioxina eta metal astunen neurketa arindu dio urtean behin izatetik hiru urtean behin egitera.
Baimenak badu beste xehetasun deigarri bat gehiago. Nitrogeno oxidoei buruz, tximiniatik ateratako metro kubo bakoitzeko 800
Añorgako Rezolak milaka tona hondakin industrial erretzeko baimena dauka: pneumatikoak, autoen pieza ez metalikoak, araztegiko lohiak ... eta baita hondakin arriskutsuak daramatzaten CDRak ere
miligramo NOx isurtzea baimentzen dio Jaurlaritzak Rezolari 2015eko urtarrilean. Baina 2013az geroztik Espainiako Gobernuak erabakita dauka –Europako legediari egokitzeko– muga metro kuboko 500 miligramotan ezartzea 2016ko urtarriletik aurrera.
Kontrol eta neurketa guztiak ez ditu Eusko Jaurlaritzak egiten, enpresak berak hautatzen du zein aholkularitza-enpresa kualifikatuk kontrolatuko dizkion kutsadurak, gero administrazioari jakinarazteko.
2015ean Eusko Jaularitzak emandako baimen berritua, 51 orriko dokumentua, Donostiako herritarrek ez dute ezagutzen, publiko egin ez delako: internetez ezingo dute aurkitu. ARGIAk eskuratu du kopia bat eta interneten eskegi. Zergatik ez ote da publikoa, galdetu dugu Jaurlaritzan. Erantzuna: "Legeak baimen bateratuak argitaratzeko beharra ezartzen du, baina haren aldaketak notifikatu egin behar dira".
Eusko Jaurlaritzak Rezolari hondakinak erretzeko baimena 2008an eman zion, justu Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki zuenean hiri hondakinentzako erraustegi bakarra eraikitzea abandonaturik Txingudin bigarrena egiteko asmoa. Enpresaren eskaritik Jaurlaritzaren ebazpenera arteko prozesua zalaparta handirik gabe pasatu zen Añorgako labearen kasuan.
Donostiako Udalak (PSE, Odon Elorza) ez zuen alegaziorik egin 30 eguneko legezko epean. Objekzioak aurkeztu zituzten bakarrak – baimenean bildu zenez– izan ziren Julia San Jose medikua Errausketaren kontrako Koordinadorako ekintzaile ezaguna, Ekologistak Martxan eta Añorga Txikiko auzo elkartea. Baimena, azkenean, Ibon Galarraga Gallastegi sailburuordeak sinatu zuen 2008ko maiatzaren 8an. Esther Larrañaga zuen Ingurumen sailburu. | news |
argia-0a8297be6769 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/correscales.html | Elkartasunaren eskaileran koska bat gora | Unai Brea | 2016-02-28 | Elkartasunaren eskaileran koska bat gora
Otsailaren 22an iritsi da helmugara Correscales, Bilbo eta Bartzelona lotu dituen prekarietatearen aurkako lasterketa. Movistarreko azpikontratatuen borroka zehatz batetik abiatu zen mugimendua, urtebete geroago arazo sozial larri bat ikusarazi eta salatu nahi duen ekimen plural eta zabala bilakatu da. Eta ez hori bakarrik: etorkizuneko langile borrokei berebiziko sostengua eman diezaiekeen proiektu solidarioa da.
Otsailaren 18ko arratsaldea, Bilboko Buenos Aires kalea, Movistarren dendaren aitzinean. Correscales lasterketa hastear da. Eskailerak korritu, euskara baldarrean. Izenak esanahi betea hartu du Movistarreko kontrata eta azpikontratetako langileek egurrezko eskailera luzeak eskuetan hartu eta errepidearen alde bietan jarri direnean, lasterketaren lehen metroak egiteko alegiazko bidea osatuz. Eta hor abiatu da Correscales, Korrika Prekarioa, beste Korrikak bezala lekuko bat duela ezeren aurretik. Oraingoan baina, telefono urdin bat da. Barruan mezua du, euskararen aldekoak izan ohi duen bezala; haatik, honen gaia ez da hizkuntza, langileen duintasuna baizik. Pertsonena, uler bedi.
"Eskailera gure lan tresna nagusia da, eta gure borrokaren ikur bihurtu dugu", esan digu egun batzuk lehenago, askoz giro lasaiagoan, Aitzol Ruiz de Azua bartzelonarrak. Movistarrentzat lan egiten duen Ecotronic kontratako behargina da Ruiz de Azua. Marea Urdineko kidea ere bada, hau da, Movistarreko greba batzordekoa.
Telefonica ahalguztidunaren aurka
2015eko martxoan Telefonicaren marka komertzialerako ziharduten langileen greba izan zen historia honen abiapuntua. Madrilen lehenengo, handik gutxira Espainiako Estatu osoan. Grebak Bartzelonan izan zuen indar handiena, "urtetako lanaren ondorioz ehun sindikal sendoa osatuta geneukan eta". Movistarreko kontrata, azpikontrata eta "autonomo faltsuek" hilabete bi eta erdi eman zuten greban. "Hasieran uste genuen beste edozein greba baten modukoa izango zela", oroitzen du Ruiz de Azuak, "hau da, lanik ez eginez enpresari kalte egingo geniola, baina konturatu ginen Telefonicari aurre egiteko horrek ez zuela balio; Telefonica irabazi eskergak dituen multinazionala da, oso zaila da bere aurka borrokatzea".
"Erresistentzia-kutxako zorra itzultzeaz gain, azpikontratazio politikaren erruz zatiketa egoeran dauden langile kolektiboei laguntzeko funtsa sortzea erabaki zuten"
Enpresari bost axola dirua galtzea, baita bezeroak hornidura gabe uztea ere, Ruiz de Azuaren berbetan. "Irudia zen haien kezka bakarra". Hasieran irudi hori ez zen bereziki ahulduta suertatu, grebalariei kostatu baitzitzaien hedabideetan txoko bat eskuratzea. Movistarrek Bartzelonan duen denda nagusia okupatuz –hortxe paratu zuten Correscalesen helmuga– lortu zuten egoera aldatzea. Aldi berean, mobilizazio esanguratsuak izan ziren beste leku batzuetan, batez ere Bilbon. Ekintza horien bidez lortu zuten konpainia negoziatzera bultzatzea, baina emaitza ez zen nahi bezain ona izan, Katalunian behintzat –Euskal Herriko grebalariek akordio hobea lortu zuten– eta horregatik askok greban jarraitu zuten. Bartzelonako dendako okupazioa amaitu zenean ondorioak ezagutu zituzten: langile kaleratuak, zerrenda beltzak…
Herri mugimendua bidelagun
Borroka horrek elkartasun oldea eragin zuen. Grebak luze jo zuen, eta erresistentzia kutxa sortu zuten langileek eutsi ahal izateko, Coop57 finantza-zerbitzu etikoak emandako interesik gabeko mailegu baten bidez. Guztira, 67.200 euro jaso zituzten Katalunian. Euskal Herrian, berriz, 7.000 euroko beste erresistentzia-kutxa bat eratu zuten. Kopuruok itzultzeko epe malguak eman zitzaizkien grebalariei, hiruzpalau urtekoak, baina ez zuten hain luze itxaron nahi izan, "ereinda geneukan hori hoztu egingo baitzen", Ruiz de Azuaren esanetan. Bestelako proiektu bat eraikitzen hasteko baliatu nahi izan zuten egoera, eta huraxe izan zen Correscalesen hazia.
Nola lortu da Marea Urdinaren borroka zena hain denbora laburrean dozenaka talde eta ehunka lagun biltzen dituen egitasmo bihurtzea? Gakoetako bat Ernest Gutierrez Correscaleseko koordinatzaile teknikoak eman digu: "Bartzelonan denda okupatu zutenean, ez ziren bakarrik sartu". Movistarreko grebak atxikimendu ugari izan zituen hasieratik, bistan dena: nolabait, lozorroan zeuden borroka zahar batzuk berpiztea lortu zuen, Gutierrezen aburuz. "Bazekarren M-15aren oihartzun halako bat, baina batez ere batzuoi 2000. urteko globalizazioaren aurkako borroka ekarri zigun gogora".
Etorkizuneko borrokak sustengatzeko funtsa
Ernest Gutierrez:
"Inork ez dezala greba mugagabea egiteko aukera baztertu bitarteko faltagatik"
Arrazoiak arrazoi, Marea Urdinak enpatia handia eragin zuen, eta horri esker lortu zuen hainbat taldetan zebiltzan berrehun pertsona baino gehiagok Coop57k emandako mailegua bermatzea. Horien denen elkarlanaz sortu da Correscales ekimena. "Iraila iritsi zen, eta pentsatu genuen: hau guztia elkarrekin eraiki badugu, itzultzeko ere aritu gaitezen elkarrekin", dio Gutierrezek. Zerbait diferente egin nahi zuten, ordea, diru kopuru jakin bat itzultzetik harago. "Erresistentzia-kutxa bat sortu beharrean, zergatik ez mutualizazio moduko bat?", galdetu zieten euren buruei.
Zehazkiago, Movistarrekoaren antzeko zatiketa egoeran daudenei laguntzeko funts bat sortzea erabaki zuten. "Ez da gauza bera fabrika bateko langileek patroi bakarrarekin negoziatzea, edo langile horiek kontrata, azpikontrata eta azpikontraten azpikontratetan sakabanatuta egotea", azaldu du Correscaleseko koordinatzaileak, "baldintza horietan greba bati ekitea askoz zailagoa da". Ekimenaren helburua, azken batean, etorkizuneko borroken sostengurako funtsaren lehen hazia ereitea da, behin Marea Urdinaren erresistentzia-kutxaren zorra kitatuta. "Inork ez dezala greba mugagabea egiteko aukera baztertu bitarteko faltagatik".
Crowfundinga martxan ipini zuten, beraz, bi helbururekin: batetik, aipatutako erresistentzia-kutxen dirua itzultzeko, Correscales lasterketa antolatzeko eta udaberrian estreinatuko duen dokumentala finantzatzeko behar beste lortzea –94.000 euro inguru–; bestetik, funts kooperatibo horren enbrioia sortzea. Bigarren xederako, 40.000 euro biltzeko erronka ipini diote euren buruei. Horrek esan nahi du gutxienez 146.000 euro jaso nahi dituela Correscalesek, eta hori dena martxo erdialdera bitartean. Lerrook idazteko unean, 120.000 euro bilduta dituzte; gutxieneko helburuak aise beteta, eta funtsaren sorrera urrun ez. Horra, Correscalesen benetako helmuga. | news |
argia-bc88b0b8cae6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/gibelka-kontua.html | Gibelka kontua | Jakes Bortairu | 2016-02-28 | Gibelka kontua
Lau hilabete eskas dira Ipar Euskal Herriak lehen aldikoz nortasun instituzionala lortuko ote duen jakiteko. Aspaldiko ezagupen aldarrikapenari Frantziako Estatua erantzun bat ematekotan da, herri guztiak bilduko dituen herri elkargo bakarra sortzen lagunduz. Hitza eta erabakia halere, hautetsien esku daude. Lehen fasean prefetak mahai gainean ezarri proiektuaz iritzi kontsultagarria emateko parada izan zuten udalek pasa den urtearen bukaeran. Nehork aurreikusi ez zuen parte-hartzea izan zen eta herriko kontseilu guziek deliberatu zuten, aldekotasunak gehiengo handia bilduz. Bigarren fasean gara bete-betean, non eta Departamendu osoko hautetsiek osaturiko batzorde batek zuzenketak onartzen ahal dituen, bi herenak alde agertuz gero. Amikuzeko Barthélémy Aguerre jauntto famatuak bere eskualdea Biarnorekin lotzeko proposamena ekarri du, baina arras boz gutxi bildu. Dirudienez, nehork ez du besterik proposatuko prefetaren proposamena zalantzan ezartzeko. Hirugarren fase erabakigarriak martxoaren hondarretik hasi eta 75 egun iraunen du, herriz herri zinegotziek bai ala ez erran beharko dutelarik. Azkenik, bigarren urte erdian, elkargoaren estatutuak idatzi, konpetentziak hautatu eta fiskalitatea adosteko paktu politikoak lotu beharko dira, 2017ko urtarrilaren 1ean elkargoa funtzionatzen hasteko.
Ibilbide horren erdian proiektuarekin arras kritiko agertu diren hautetsi batzuek, tartean hirigune handienetako lau auzapez, beste proposamen bat aurkeztu berri dute: gaurko hamar herri elkargoak zortzi bihurtzea –legearen salbuespenak aplikatuz– eta haien arteko koordinazio poloa sortzea. Eskubide osoz egindako proposamena eztabaida demokratikoaren ikuspuntutik eskertzekoa izan liteke baina katu horrek halere, badu beste buztanik. Adierazgarria izan da aurkezpen prentsaurrekoan barnealdeko batzuek kostaldearen nagusitasunaren kezka aipatzea, ondoko hirigunekoek elkargoaren asanbladan barnealdeko ordezkarien kopuru handiegia salatzen zuten bitartean. Prozedura epez kanpo aurkezteagatik eta bere ahuleziengatik proposamena ez da alternatiba sinesgarri bat. Zortzi elkargoen mapa ez dute aurkeztu eta ahanzten dute elkargo bakarraren hipotesia huts eginez gero, Iparraldea hirutan zatitzeko prefetaren promesa. Ez dute erraten polo horretan lurralde osoaren presentzia ez dela segurtatua. Mamuak piztu, beldurrak hauspotu eta dudakor guztiak federatzeko egina da, hots, herri elkargo bakarrak hirugarren fasean lortu behar dituen bi gehiengoetarik bat –populazioaren erdia ordezkatzen duten herrien erdia– galarazteko azken momentuko saiakera. Nekez lortuko dute, baina sekula ez da halako polarizazio gordinik ikusi Iparraldeko klase politikoan. | news |
argia-54132d28149a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/aritz-ganboa.html | "Herri asko desagertu dira mundutik eta Euskal Herria ere desagertu daiteke" | Reyes Ilintxeta | 2016-02-28 | "Herri asko desagertu dira mundutik eta Euskal Herria ere desagertu daiteke"
Sakanako Arruazu herriko artzaina. Askapenako kide izateagatik atxilotu zuten eta bost urteko jazarpen eta sufrikarioaren ondoren absoluzioa iritsi berri zaio berari eta auzipetutako beste lau ekintzaileei. Militantzia politikotik, artzaintzatik eta euskaratik munduari egin nahi dion ekarpenaz aritu gara.
Noiztik artzain?
Duela sei-zazpi urte hasi ginen. Arruazu herri txikia da, abeltzaintzatik eta nekazaritzatik bizi izan da orain dela gutxi arte. Etxe askotan azienda zegoen eta bizitza utopiko bezala nuen txikitatik. Duela hogei bat urte hil zen gure osaba bat izan zen herriko azken artzaina. Berak erakutsi zidan lanbidea. Nik hori gordeta neukan eta horregatik duela zenbait urte etxeko larretxo batean ardi batzuk jarri eta poliki-poliki, lehengusu eta anaia batekin ikusi genuen aukera zegoela zerbait egiteko. Artzain eskolan aritu nintzen eta Gipuzkoako Bidaniko baserri batean urtebete egin ondoren osatu genuen gaur egun dugun 400 bat buruko artaldea. Familia proiektua da eta hasieratik lagundu digute denek, zalantzekin, hori bai, artzainarena oso prestigio gutxiko lanbidea delako.
Gazta ere egiten duzue Idiazabal sor-markaren barruan.
Albi gaztak. 5.000-6.000 kilo urtean. Albi zen gure osaba artzainaren etxolaren izena, han goian Aralarren. Guk ere ardiak han larratzen ditugu. Albin bada trikuharri bat, guk Jentil Harria deitzen duguna, eta kontu bitxia da, han artzain baten aztarnak aurkitu zituzten, bere lanabes guztiekin. Duela 9.000 urte inguruko trikuharria da, Neolitokoa. Milaka urtetan ez da artzainik gabeko unerik egon Aralarren. Guretzat hori berezia da, guk artzaintza ez dugulako lanbide huts bezala ulertzen, herriari eta etorkizunari egiten ahal diegun ekarpen bezala baizik. Bioaniztasunaren baitan, gizakiak belaunaldien arteko lotura egiten du bere hizkuntza eta kultura bidez. Horregatik, gure etxaldean bisitak antolatzen ditugunean hizkuntzaren garrantziaz hitz egiten dugu jendearekin. Jendeari azaltzen diogu, adibidez, "ongarri" hitzak "onura ekartzen duena" esan nahi duela edo "hausnartzea" badela ardi eta behiek egiten dutena belarra jaterakoan. Hizkuntzaren bidez baloreak eta milaka urtez pilatutako jakintza transmititzen dira, herriak bizirik iraunarazteko beharrezkoak diren ikuspegiak.
Gaur egun hori dena atzerakoitzat hartzen da, baina prestigioa berreskuratu behar dugu gizakiak etorkizuna izango badu.
Zergatik etorri zinen hiritik herrira?
Ama erizaina eta aita palista zen Diputazioan. Astegunez Iruñean bizi ginen, baina beti herrira joateko desiratan. Hirian lekuz kanpo sentitzen nintzen. Ez naiz ikasketetan sekula ona izan, edo gutxienez, ez dut fundamenturik jarri. Batxiler garaian, ikastolatik atera eta hemendik hara ibili nintzen hiru urtez. Iturrama institutuan lehenbizi eta gero Ermitagañakoan, gauez eta erdaraz ikasi nuen. Orduan osaba batekin hasi nintzen lanean sukaldeko altzariak muntatzen. Leitzan denboralditxo batez aritu eta gero Arruazura etorri nintzen.
Amaren familia Erronkarikoa?
Izaba eta Uztarrozekoak. Amaren aitona-amonak Erronkariko azken euskaldunetakoak izan ziren. Birraitona UGTkoa zen eta gerra garaian atxilotu eta Ezkaba mendiko presondegian egon zen. Han euskara zaharra galdu zen, baina hemen Arruazun giroa oso euskalduna da, familian eta herrian.
Herri mugimenduetan lanean nola hasi zinen?
Bizitzaren zati garrantzitsu bat militantziari eskaini diot. Militantzia ulertzeko nire modua da pentsatzea zer eskaini diezaiokedan gizateriari bizi naizen artean. Gazte mugimenduan aritu izan naiz. San Fermin ikastolan, adibidez, 14 urterekin, Euskal Herrian herri mugimenduetan garatzen ari ziren hainbat borroka eta lan ildo ordezkatzeko plataforma osatu genuen: intsumisioa, preso politikoen eta amnistiaren aldeko mugimendua, borroka feminista…
Gero Ikasle Abertzaleak taldean militatzen hasi nintzen, Donibaneko Gazte Asanbladan, Arruazuko gazte taldean bertako euskararen aldeko ekimenetan, Donibane auzoko Zarata Irratian presoen inguruko saio bat egiten genuen eta auzoko inauteriak berreskuratu genituen… Oso garai polita izan zen.
Eta ondoren Askapenan hasi zinen?
Askapenara egin nuen salto beste borroka batzuk ezagutu nahi nituelako. Puri-purian zegoen zapatisten altxamendua eta indigenen altxamenduen eta gurearen artean lotura handia ikusten nuen. Arrebak brigada bat egin zuen Chiapasen eta hurrengo urtean ni joan nintzen. Txundituta, konturatu nintzen munduko borroka guztien iturburua askatasun eza izaten dela. Norberaren identitatea eta burujabetza ezin garatu izana aurkitu genuen mugimendu guztien sustraian.
Duela hamalau urte, urtebetez Mexiko, Guatemala, Kuba, Salvador eta Nikaraguan ibili ginen hainbat borroka molde ezagutzen. Gauza asko ikasi genuen, adibidez, Guatemalan borroka lurra berreskuratzea zen, eta Kuban berriz, nekazaritza ereduaz mintzo ziren. Han agroekologiaren printzipioa ezagutu nuen. Hiriak eta herriak nekazaritzaren inguruan antolatzen ari ziren, herritar guztiak modu iraunkorrean elikatzeko helburuarekin.
Askapena epaiketaren aurkako mobilizazioa Iruñean, 2015eko urriaren 12an. (Arg: Idoia Zabaleta/Argazki Press)
Mundu globalizatu eta kapitalistan erresistentziara kondenatuta?
Klase arteko gatazka etengabea da eta talka horretan gizakiak aurrerapauso nabarmenak eman ditu pertsona xumearen ahalduntze prozesuan. Beltzek egin dituzten borrokak, esate baterako, eskubide zibil eta politikoen arloan izan dituzten lorpenak ikaragarriak dira, baina horien atzean dauden sufrimendu eta borrokak ere izugarriak dira.
Urte hauetan ikasi dudan beste gauza garrantzitsua da inoiz ez dela lorpenik egon borrokarik gabe. Aldaketak ez dira berez gertatzen. Guk ekarri behar ditugu. Ez bagara mugitzen ez dira etorriko. Eta bide horretan, segur aski, askotan galdu egingo dugu. Etsaia, hau da, nire interesen aurkako helburuak dituena eta horiek lortzearren estrategia garatzen duena, garaile ateratzen da askotan.
Guk ere ikasi behar dugu gure lorpenen irakurketa egokia egiten, garaipenak edukitzen jarraitu ahal izateko. Herri asko desagertu dira mundutik eta Euskal Herria ere desagertu daiteke. Horretaz ez gara jabetzen. Errealitate hau, bere hizkuntzarekin eta bere jendearekin, desager daiteke. Pertsonek jarraituko dute, baina errealitate hau desager daiteke. Ez bada desagertu jada, hainbat pertsonaren erresistentziagatik izan da. Euskal Herria lorpen bat da. Munduko koloreetan beste bat gehiago, eta guk ez badugu defendatzen, beste inork ez du egingo.
Artzaintza, erresistentzia bidea.
Artzaintza da alde utopikoa garatzeko aukera ematen didan bizimodua. Herri bezala aurrera ateratzeko modu bat da, eta bestetik, pertsona eta langile gisa aske lan egiteko aukera. Hortik abiatuta beste hausnarketa orokorrago bat egiten dut: Arruazun, artzaintza bezala, galdutzat ematen ditugun gauza batzuk berreskuratu daitezke eta etorkizunerako aktibo bihurtu, hizkuntza, esate baterako. Euskara ez dago galdua, baina argi dago galtze arrisku iraunkorrean dagoela. Oso hiztun gutxi gara eta gainera jazarriak. Batzuek uste dute jada desagertutzat eman beharko genukeela, eta aldiz, beste askok pentsatzen dugu munduari zerbait eskaini ahal diogula hizkuntzaren ikuspegitik. Azken finean, euskara ez da euskaldunona, munduarena baizik.
Artzaintza zure bizitza antolatzeko saiakera dela diozu, bizi garen sistemak sortzen dituen kontraesan guztiekin. Zein dira kontraesan horiek?
Asko. Gurea, esate baterako, enpresa da eta salerosketatik bizi da ekonomia eta merkatu legeen arabera. Produkzioa ikuspegi industrialetik begiratu beharrean gara, baina zein da lehentasuna? Gure inguruak behar duena ekoiztea edo gure enpresa aurrera ateratzeko behar dena? Kontraesan horiek baditugu eta aitortu behar ditugu, baina ez onartu.
Askapenako militante bezala "Dena ETA da" teoriaren biktima izan zara?
Asmakizun hori logika zahar batetik dator. Etsaiak beti mamuak sortzen ditu kalte egiten dionarekin. Ideiak edo aukera eraldatzaileak dira mamuak, ez taldeak. Arazoa dator haien hegemonia zalantzan jartzen denean. "Dena ETA da" ideia nazioarteko testuinguruan ulertu behar da: AEB ordezkatzen duen sistema kapitalistaren eta Sobietar Batasunaren arteko talka amaituta, polo bakarreko mundura pasa gara. Orain sistema kapitalistan dauden tentsioengatik eta hegemonia lortu nahiarengatik sortzen dira talkak. Sistema kapitalista bultzatzen duen ikuspegi inperialistak beti zapalkuntza ekarri ohi du eta zapalkuntzak ongarritutako eremuetan sorrarazten da mamu berria: terrorismoa.
Ondoren, haren inguruan, egitura legal, juridiko eta administratibo osoa eratzen da mamua kontrolpean izateko. Horretaz baliatzen dira, adibidez, Euskal Herrian proiektu politiko iraultzaile eta kritikoak desegiteko. Proiektuak bere osotasunean deuseztatu nahi dituzte, ez taldeak soilik. ETAren kasuan, ETA mendean hartuko dute ez ekintza armatuak egiteari uzten dionean, baizik eta bere proiektua desagertzen denean, eta hori da gaur egun ikusten ari garena. Lehen, armak utzi arte ezin zen hitz egin. Orain beste buelta bat gehiago eman dute eta hori jada ez da nahikoa. ETA dagoen bitartean proiektu totalitarioa ordezkatzen duela dio Estatuak. Gainera, diskurtso hori, ekintza errepresiboetan, jazarpenean eta beldurrean dago sostengatuta.
"Dena ETA da" horren atzean agerikoa da estrategia politikoa dagoela, eta gu ez gara gai izan hausnarketa politiko kritikorik egiteko. Batzuek pentsatzen zuten ETA desagertu ondoren hausnarketa egitea errazagoa izango zela benetako arazoa ETA zelako, Estatuak zioen bezala. Baina errealitatea oso bestelakoa da. Azken urteotan jende pila atxilotu dute Twitterreko txioengatik. Ikusi dugu M15 bezalako estatu mailako mugimendu kritikoa nola lotu duten berehala ETArekin.
Iruditzen zait Euskal Herrian, eta ezker abertzalean gehienbat, batzuk modu estankoan ari direla pentsatzen, orain gertatzen ari diren gauza guztiak garai bateko gatazka politiko-militarraren ondorioak direlakoan, eta ez da horrela. Lege berriak, Mozal Legea kasu, hala nola legeen interpretazio berriak daude, eta beti egongo dira. Errepresioak jarraituko du eta hemendik aurrera erresistentzia nola egin behar dugun pentsatu behar dugu.
Nolakoa izan zen zure atxiloketa?
Ez ninduten torturatu, baina oso gogorra izan zen niretzat eta ingurukoentzat. Bortitz sartu ziren, eta gure haurrak (orduan bi urte zituen), gauez beldurra izaten jarraitzen du. Etxeko atarian zegoen familiaren eta lagunen aurka kargatu zuten eta hori ikusarazi zidaten. Hasieratik mehatxuak egin zizkidaten, gelditu gabe. Jipoiak noiz hasiko zain beldurrez egon nintzen hasieran.
60.000 euroko fidantza ordaindu behar izan zenuen.
Ez sinatzea izan zen nire lehen erreakzioa, familia osoan ez genuelako hainbeste diru. Oso latza izan da. Etxea, kontu korronteak, autoak, inguruko guztien aurrezkiak… dena enbargatua izan dugu, eta gainera krisi garaian. Tortura bezala, dena pentsatua dago zure pausoak baldintzatzeko. Norberak bere erabakiak har ditzake, baina ikusi behar du inguruko jendearengan zein ondorio dituen.
Borrokan jarraitzeko asmorik bai?
Bai, hori beti, baina ikusi behar da nondik. Ni artzaina naiz, ardiak ditut eta elikadura burujabetzan borroka izugarria dago egiteko. Printzipio agroekologikoetan sinesten dut, sindikalismo aktiboan ere bai, EHNEko eta Bizilur-eko kidea naiz eta hor badut sakontzen lan handia, baina saltsa askotako perrexila naiz. | news |
argia-159c9da4b05f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2497/soinu-horma-bortitza.html | Soinu horma bortitza | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2016-02-28 | Soinu horma bortitza
Rock eta post-hardcore doinuak jotzen ditu Tooth Gernika-Lumoko taldeak, indar, bizitasun eta kemen handiz. Haien kantuak entzuterakoan Dut, Lisabö, Izaera, R, Helmet, Mogway, Melvins, Unsane eta Today is the Day bezalako taldeak atsegin dituztela suma daiteke, baina beren estiloa sortzen jakin dute. Aipagarria da taldearen jarrera oldarkorra eta intentsitatea, jotzen ari direnean sutan daudela ematen baitu, eta eraikitzen duten soinu horma bortitzak kiskali egiten gaitu.
Aieneka eta oihuka, zulo sakon eta ilun bati batera begira egon ordez irtenbide bat bilatzea aldarrikatzen dute, makurtuta bizi baino altxatzea eta zutik jarraitzea, eta inkomunikazioa, isolamendua eta bakardadea gainditu eta gertutasuna eta elkartasuna izatea.
Edorta (gitarra eta ahotsa), Mirri (baxua eta ahotsa) eta Arza (bateria) dira taldeko kideak, eta hiruen artean doinu itzela gauzatu dute, trinkoa eta potoloa, erritmo sinkopatu eta astun batzuen gainean. Grabazioa Muxik(on) estudioetan egin dute, Iñigo Etxebarrietaren gidaritzapean, eta bere lana ere azpimarragarria da, oso ekoizpen ona egin baitu.
Taldea 2009an sortu zen. Urte horretan maketa bat kaleratu zuten, eta lehen diskoa 2012an. Bere ibilbidea egiten ari da, diskoz disko eta emanaldiz emanaldi, urrats sendoak ematen aurrera begira, zerbait desberdina egiten, xehetasun eta ukitu berriak, eta bere doinua fintzen eta biribiltzen.
Haien jendaurreko emanaldiak ikusteko eta bizitzeko modukoak dira. Hurrengoak izango dira martxoaren 11n Barakaldoko El Tubo aretoan, martxoaren 18an Oñatiko gaztetxean eta martxoaren 25ean Bilboko Kafe Antzokian, eta aurrerago saio gehiago ere egingo dituzte, han eta hemen, haien jendaurrean jotzeko gogoak eta grinak eskatzen baitie. | news |
argia-9399b14c0a2f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/fatima-taleb-garaipenaren-ikur.html | "Emakume musulmanok jendeak ezagutzen ez dituen eskubide asko ditugu" | Saioa Baleztena | 2016-09-04 | "Emakume musulmanok jendeak ezagutzen ez dituen eskubide asko ditugu"
Marokon Letra Modernoetan lizentziatu ondoren, 22 urte zituela iritsi zen Taleb (1976, Berkane) Badalonako La Pau auzora, bitartekaritza kulturalaren eta bizikidetzaren alde lan egitera. Guanyem Badalona en Comú plataformaren bortzgarrena zen maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan; Xavier Garcia Albiol (PP) udaletik kanpo utzi ondoren, egun, Parte Hartze eta Bizikidetza Saileko zinegotzia da.
Laster hogei urte beteko dira Badalonara iritsi zinenetik. Antza, harreman berezia duzu hiriarekin.
Hain da horrela, kosta egiten baitzait hitzez azaltzea. Maite dut, sakonki. Horregatik parte hartu izan dut, hiria hobetzeko asmoz, aukera izan dudan ekimen guztietan. Kultura aniztasunak ezaugarritzen du Badalona, eta horretaz baliatu behar dugu. Bada garaia ulertzeko aniztasuna aberastasuna dela eta ez mehatxua, aurreko gobernuak zabaldu zuen bezala.
Badalonako Udala aitzindaria da, emakume musulman bat –eta zapiarekin– zinegotzi duelako. Nola bizi izan duzu?
Konplexua izan da, batez ere Badalonan Xavier García Albiolek (PP), alkate zela, azken urteetan zabaldu zituen politika arrazisten ondoren. Hark hiria goitik behera zatikatu zuen eta Badalonako biztanleriak PPk erein zuen ikuspegia erraietan du. Ez zuten espero aurreko gobernuak errefusatzen zuen hori, zapia daraman emakume musulmana Udalean ikustea, alegia.
Harrera ona izan duzu?
Denetarik pasa izan zait; badira kalean iraindu eta tuztatu nautenak, baina gauza positiboekin gelditzen naiz. Jende gehiena poztu baita eta hori aurrerapauso handia da berdintasunaren bidean. Munduko txoko guztietatik jaso ditut zorion mezuak.
Etorkinentzat nolakoa zen García Albiolen politikekin bizitzea?
Oso gogorra. Albiolen aurreko gobernuek bizikidetzaren eta berdintasunaren alde landu zituzten neurriak bertan behera utzi zituzten. Eta ez hori bakarrik, desberdintasunarekiko beldurra eta gorrotoa sustatzea izan zen Albiolen lehentasuna. Adibide gisa, nik orain dudan saila, Parte Hartzea eta Bizikidetza, bazegoen Albiolen garaian, baina iritsi garenean edukirik gabe aurkitu dugu.
Azken hauteskundeen ostean lortu zenuten Albiol udaletik kanpo uztea. Badago agintza egin zenueneko argazki sinboliko bat, munduari buelta eman diona.
Une hori ezin hobeto gogoratzen dut. Bere parean nintzen eta konturatzen nintzen bera sufritzen ari zela. Jakina, nola ez zuen sufrituko! Legealdi guztian lan egin zuen atzerritarrek eskubiderik ez zutela zabaltzeko eta ni, beloarekin, bera gobernutik kanpo uzten ari nintzen unean ezin zen edonola egon. Gizajoa! Zinegotzi agintza egin nueneko argazkia Badalonaren garaipenaren isla da.
Zenbaterainoko garrantzia izan du aldaketak Badalonako komunitate musulmanarentzat?
Hiritar gisa ate bat ireki zaie. Baina komunitate musulmanari ez ezik, baita Badalonan bizi diren komunitate guztiei ere. Hau hasiera besterik ez da, ziur naiz hurrengo hauteskundeetan beste erlijio eta kultura batzuetako hautagaiak egongo direla.
Solas egin dezagun zapiren betiereko eztabaidaz.
Erabat fikziozkoa da. Zapiak ez du ezer eragozten, ez aktibista izatea ezta politikaria izatea ere... Nik, adibidez, zapia daramat nahi dudalako eta beloa daramagun gehiengoak egiten dugu uste osoz. Noski, ezin dugu ahaztu gizarteak edo familiak behartuta janzten dutenak ere badaudela.
Egunotan pil-pilean da burkiniaren arazoa. Bada burkinia edo beloa eramatea askatasun urraketa dela uste duenik…
Nik erabakitzen badut beloa janztea eta zuk debekatzen badidazu, orduan ere akabatzen ari zara nire askatasuna. Ez nago ados beloa janztera behartzen dutenekin ezta kentzera behartzen dutenekin ere. Emakumeak izan behar du erabakitzeko eskubidea.
Nola ikusten duzu feminismoa komunitate musulmanean?
Emakume musulmanok jendeak ezagutzen ez dituen eskubide asko ditugu eta, zalantzarik gabe, feminismoak indarra du islamean. Guk duela 1.400 urte baino gehiagotik ditugu eskola, ondare eta askatasunez ezkondu eta banantzeko eskubidea. Zentzu askotan aitzindariak izan gara hemengoarekin alderatuz.
Egia da denborarekin galtzen joan garela hainbat eskubide, baina ez islamaren erruz, jende askok pentsatzen duen bezala, baizik eta kolonialismoak, politikak edo gizarteak lapurtu dizkigulako. Edonola, emakume musulmanok borrokatu egiten dugu horiek berreskuratzeko.
Islamaren inguruko informazio falta dagoela uste duzu?
Zarata gehiegi dago. Ez nuke orokortu nahiko, baina batetik, hedabideek ez dute askorik laguntzen, eta bestetik, gizarteak oro har ez du esfortzurik egiten hedabideek diotenetik haratago heltzeko. Beraz bai, ezjakintasun handiegia dago, orobat. | news |
argia-d3328ae04a00 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/piperrak-belztuta.html | Piperrak belztuta | Jakoba Errekondo | 2016-09-04 | Piperrak belztuta
Kaltzioak animalion hezurrak osatzen dituen era berean landareen egiturak eratzen ditu. Kaltzio ugari behar dute landareek. Kaltzio hori urri duenean, landarearen euste-egitura ahultzen da, eta taxua eskastu. Ondorioak azkar azalduko dira. Piperretan ( Capsicum anuum ) alearen alde bat belzten da, mamia mehetuz eta zikoiztuz. Tomatean ere ( Lycopersicon esculentum edo Solanum lycopersicon ) nabarmena izan ohi da: fruituaren ipurdia belztu, barnatu eta zakartzen da. Kaltzio falta lurrean ez delako edo landareak behar adina hartu ezin duelako gertatzen da. Bero ikaragarriak direnean eta lurrean nahikoa ur izanagatik behar adina ezin hostoratu duenean ere, arazo hori bistaratzen da. Ura tenperaturari eustera bideratzen du landareak, eta fruituak sufritu... Ur horrek dakartzan mineralak, kaltzioa tarteko, ezin behar bezala gobernatu... Piperrak belztu bazaizkizu, badaezpada, kaltzioa eman lurrari: karea, oskol ehoak, kareharri harea edo hautsa, errautsa... | news |
argia-f985b50d3b78 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/ugaldu.html | Ugaldu | Jakoba Errekondo | 2016-09-04 | Ugaldu
Landareak berez ugaltzen dira; ingurura begiratu... Geuk egitera, landareak ugaltzea urte osoko lana da. Horretarako era asko dago. Ezagunena hazia ereitea da: fruituak heltzean ondutako haziak jaso, eta sasoian erein. Haziak ez diren landareen beste zati batzuk ere erabil daitezke landare berriak sortzeko: hostoa, kimua, puja, urtadarra, aldaska, adarra, altsuma, herrestadarra, sustraia, tuberkulua, errizoma, kormoa, erraboila, erraboiltxoa eta abar. Azken bostak landare amarengandik bereizi eta aldatuz gero, aise itsasten dira; erreserba guneak dira eta, horiexek baliatuz, landare berria osatuko da.
Tuberkuluak dituzte, besteak beste, patatak ( Solanum tuberosum ) eta ziklamenak ( Cyclamen sp. ). Errizomadunak dira kanabera ( Arundo donax ), banbu jendea, ostargi-belar arrunta ( Iris germanica ) eta ostargi-belar horia ( Iris pseudocorus ), kala ( Zantedeschia aethiopica )... Kormoa dute azafraiak ( Crocus sativus ), azpelarrak ( Colchicum autumnale ), ezpata-belarrak edo gladioloak ( Gladiolus sp. ), alokasiak eta kolokasiak ( Alocasia sp. eta Colocasia sp. ) eta azafrai urrinak ( Crocosmia x crocosmiiflora ). Lurpeko erraboila gizentzen dute, adibidez, tipulak ( Allium cepa ), baratxuriak ( Allium sativum ), idi-bihotzak ( Tulipa sp. ), zitoriak ( Lilium pyrenaicum ), barrabas-belarrak ( Oxalis latifolia ) eta moredinak edo hiazintoak ( Hyacinthus orientalis ). Lurgaineko erreboilotxoak ematen dituenik ere bada, baratxuria bera eta tigre zitoria ( Lilium lancifolium ), adibidez, baita zenbait garo eta harrautsi ( Saxifraga sp. ) ere.
Lur gainekoak bezala azpiko herrestadarrak luzatzen dituzten landareek ere zaputzaldi handirik gabe ugaltzeko aukera handiak dituzte. Urrutira gabe, horien tartetikoak dira marrubiak ( Fragaria sp. ), lezka arrunta ( Phragmites australis ), barrabas-belarra, papiroa ( Cyperus papyrus ), menda ugari ( Mentha sp. ), edaskia ( Ranunculus reptans ), girtangorria ( Ajuga reptans ), askimotza edo arrosario-belarra ( Cynodon dactylon ), batanitzaren ( Stachys recta ) generoko batzuk ( Stachys alegia ) eta ezkerte beltza edo biurda edo txildurka ( Convulvulus arvensis ).
Gure lurraldean urteko bigarren udaberria hemen da. Horrek dakarren izerdialdi berria aprobetxatu, baldin eta aipatutako landare puskekin berriak sortu nahi badituzue. Sasoia da. | news |
argia-68ef64a2b74a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/holandan-erotu-egin-dira-presoak-gutxitu-eta-espetxeak-ixten-ari-dira.html | Holandan erotu egin dira: presoak gutxitu eta espetxeak ixten ari dira | Pello Zubiria Kamino | 2016-09-04 | Holandan erotu egin dira: presoak gutxitu eta espetxeak ixten ari dira
Espainian edo Frantzian –Euskal Herria barne– presondegi berriak eraikitzen dituzten bitartean, Holandan atxilotuak %27 gutxitu dira 2011tik eta espetxe sobranteei alternatibak bilatzen dizkiete: batzuk itxi, beste batzuk etorkinentzako aterpetxe bihurtu eta beste batzuk atzerriko estatuei eskaini haien kondenatuak ostatatzeko alokairuan. Espetxe politikan ere alternatibak badiren seinale.
Gipuzkoa Zutik mugimenduko gazteek deiturik ekainaren 18an Zubietako ospakizunean bildu zirenek zortea izan zuten entzuteko Arrats elkarteko ordezkari baten hitzaldi hunkigarria: Gipuzkoako makro-kartzela berriaren eraikuntza salatzen zuen eta nolaz eztabaida gehiago gabe uzten diren bazterrean Holandan eta bestetan arrakastaz darabiltzaten espetxe politika ezberdinak, presondegiak itxi edo atzerritarrei alokatzeraino lortu dutenak preso kopurua murriztearekin. Biharamunean Arratseko Josetxori arrazoi emango zion Holandako Justizia ministroak, nahiz eta Euskal Herrian inor enteratu ez.
Herbeheretako Justizia ministroak jakinarazi du azken bost urteetan hango espetxetako presoak gutxitu direla 15.170tik 11.005 arte, %27ko murrizketa. Itsasoaren beste aldetik New York Times ek titulatu zuen: " Holandak arazo bitxi bat dauka: presondegi hutsak ".
Adam Taylorren kronikak aurreratzen zituen gertaera bitxiaren arrazoiak. Lege urraketak ez dira ugaritzen ari Holandan, gauza nabarmena inguruko herrialde gehienetan paranoia sekuritarioa hedatu ahala iritzi publikoak salatzen duelako segurtasunik eza handitu dela eta delituak ugaritu.
Holandan epaileek zigorrak bideratu dituzte hein handi batean isun ekonomikoetara edo kondenatuak gizartearen zerbitzurako lanak egitera edo zaintza elektronikoa jasatera, eskumuturreko edo orkatilako kontrol tresna bidez.
Honek ekarri du Holanda izatea presondegiak itxi dituzten herrialde bakarretakoa. 2013rako 19 itxirik, iragarri berria dute bost gehiago zerratzeko asmoa. Honek kontraste egiten du Europako herrialde askorekin, tartean espetxeak jendez gainezka dauzkan Frantziarekin edo makro-kartzela sare berria osatzen ari den Espainiarekin.
Herbehereek ere nozitu zuten beren espetxe booma 1980ko hamarkadan, eraikin berriak ugarituta 3.500 preso hartzeko ahalmenetik ia 17.000kora handituz. Urteak pasa ahala, eta espetxe politika berriaren eraginagatik, Hagako gobernua aurkitu da ohe gehiegi eta apopilo gutxiegirekin. Alabaina, mundu globalizatuak beste bi bezero mota eskaini dizkio hustutako presondegietarako.
Dozena bat espetxetan asilo eske iritsitako errefuxiatuak sartu dituzte holandarrek. National Geographic aldizkariak argazkitan ezagutarazi du handi eta famatuena, Haarlem hiriko De Koepel presondegia , Siria, Afganistan eta beste leku askotatik iritsitako 300 gizon eta emakumez goiti biltzen dituena. Giza eskubideen aldeko ekintzaileek salatu dute kartzela bat ez dela iheslariak edukitzeko leku egokia; aldiz, gobernutik harrotasunez aldarrikatu da Holandako espetxeetako bizi kalitatea.
Baina etekin handiagoko apopiloak ere aurkitu dizkiete hustutako ziegei: Belgika eta Norvegiatik eramandako zigortuak. Preso gehiegirentzako espetxe gutxiegi dauzkatela eta, Osloko agintariek hiru urterako tratua egin dute Hagakoekin, aldaketa onartzen duten preso norvegiarrak edukitzeko Norgerhavengo espetxean.
Dutch News agentziaren arabera, atzerriko presoak ekartzea pozik hartu dute presondegietako langileek. 700 funtzionario lanpostu daude arriskuan ondoko hilabeteetako itxiera planak egia bihurtzekotan eta horien sindikatuek ere presio egiten dute.
Zigorra eta aukera-leihoa
Europa baitan Suedia da urteotan presondegietako biztanle kopurua jaisten ikusi duen beste herrialde nabarmena, azken hamar urteotan 5.722tik 4.500era murriztuz. Marka txarra ez da 9,5 milioi biztanle dauzkan herrialde batentzako. Espetxeen laurdena itxi omen dute azken urtetan.
2014an The Guardian egunkariari esan zion Suediako presondegietako zuzendari nagusi Nils Öbergek : "Gure lana ez da zigortzea. Espetxerako kondena bera da zigorra: beren askatasuna kendu diete. Beren zigorra da gurekin egotea".
Aurrerago, kazetariak galdeturik ea iritzi publikoak nola zeramatzan kontua, zigor arinegiak jartzen direla eta denetan ari direla gogortzen kondenak eta presondegietako arauak, dio Öbergek: "Jendeak une bakoitzean iritzi bat eduki arren, zuk justiziaren alorrean epe luzeko estrategia burutu behar duzu. Ezin duzu gaur gauza bat egin eta biharamunean hura baztertu. (...) Pertsona bati askatasuna kentzen diozunean sortutako aukera-leiho txiki horretan zenbat eta lan gehiago egin, orduan eta hobeto joango dira gauzak epe luzean".
Ez dirudi, hala ere, Herbehereek edo Suediak ezarritako estrategiek jarraitzaile gehiegi dutenik munduan. Hala adierazten du World Prison Brief buletinaren –ICPR Presondegien Ikerketarako Nazioarteko Institutuak plazaratzen duenak– azken informeak. 2000.eko zifrekin alderatuz, 15 urteotan munduko presoen kopurua %20 hazi da. Ikerlanaren arduradun Rom Wamsleyk idatzi du: "Oso kezkagarria da gaur egun munduan 10,35 milioi jende egotea espetxeetan zerraturik. Larriena da presoen kopuruak hazten segitzea eta izugarri gainera zenbait herrialdetan. Honek eraman beharko lituzke politikariak aztertzera ea zer egin dezaketen atxilotu kopuruak gutxitzeko, kontutan harturik zein garestia den espetxeratzea eta zein eztabaidatua dagoen espetxeratzearen eraginkortasuna, ahaztu gabe eraikin horiek jendez gainezka daudela. Gainera, preso hartutako emakumeen ugaritze proportziorik gabea ere oso deigarria da". Gatibu dauden emakumeak %50 ugaritu dira 15 urteotan, andrazkoak direlarik presoen %6,8.
Eskualdeka begiratuz gero, Afrika eta Asia dira proportzioan preso gutxien dauzkaten kontinenteak, 100.000 biztanleko 100 baino gutxiago. Ozeania ez dabilkie urrun, nahiz eta urteotan %60 ugaritu dituen atxilotuak. Aldiz, Amerika da gehien dauzkana, 387. Gezurra dirudien arren, AEBak dira –Seychelle uharteen ondoren– munduko txapeldun tristeak, 698 preso ehun mila biztanleko, eta gainera Erdi eta Hego Amerika dira kondenatuak gehien ugaritu diren lekuak, %118.
Osorik hartuta, Europak ehun mila biztanletik 192 dauzka espetxean. Hamabost urteotan asko urritu dira presoak Ekialdean, Errusian %40 eta ekialdeko beste herrialdeetan %42 gutxiago. Ordainetan, gainerako gure Europan ugaritu egin dira: %12 Ipar Europan, %6 Mendebaldekoan –Frantzia barne– eta %27 Hegoaldekoan, Espainia barne.
Gurean, Frantziako estatuak 100.000 herritarretik 95 dauzka kaiolan gatibu, Espainiak 136. Portzentaietatik kanpo geratzen dira batean eta bestean zigortuei ematen zaien tratua: espetxeratuen eguneroko bizi baldintzak, bisitetako minutuak eta baldintzak, ikasi edo aisialdirako baliabideak... | news |
argia-f8bbef3c94ca | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/185-milioi-dolarreko-marratxoa.html | 18,5 milioi dolarreko marratxoa | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-09-04 | 18,5 milioi dolarreko marratxoa
1962ko uztailaren 22an Mariner 1 espazio-ontzia aireratu zen. Garaiko 18,5 milioi dolarreko (egungo 500-600 milioi) proiektuak Artizarra zuen jomuga, baina hegaldiak 294,5 segundo besterik ez zuen iraun. NASAko arduradunek ontzia suntsitzea erabaki zuten, suziriak ez zielako behar bezala erantzuten lurreko sistemen aginduei.
Porrotaren azalpenak anbiguoak eta maiz kontraesankorrak izan arren, 1962ko, 1963ko eta 1985eko hiru txosten bat datoz programazio datuetan akats txiki baten ondorio izan zela adieraztean: marratxo bat falta zen. Arthur C. Clarke zientzia fikzioko idazle ezagunak "historiako marratxorik garestiena" zela esan zuen. | news |
argia-1def48077b24 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/harrapazka-eguna.html | Auzolana eta lehia nahasten direnean | I�aki Sanz-Azkue | 2016-09-04 | Auzolana eta lehia nahasten direnean
Igoin mendiaren magalean bildu dira denak urtero bezala. Ilun-bistan atera dira, bakoitza bere baserritik. Oinez egin dute bertarako bidea, batzuentzat ordutako bide luzea. Eguna argitzen ari du eta tentsioa sumatzen da. Han daude denak orain. Zain. Igitaia eskuan hartuta, maldan gora dagoen landazainari begira. Adi.
Bat-batean, landazainak besoa altxa eta argi bat atera da zerurantz. Etxafuegoa iraileko zeru gorrituan lehertu da. Puskatu da isiltasuna. Igoin-sasiko hariztiaren azpian igitai hotsa baino ez da entzuten. Zeinek iñistor edo garo gehiago ebakiko ariko dira ilundu arte.
Hasi da aurtengo Harrapazka Eguna!
Ereñotzuko Auzo Udalak (Hernani) bizimodua auzolanean proiektua jarri zuen martxan 2015ean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailaren laguntzarekin. Honen barruan bildu nahi izan du Harrapazka Egunari loturiko ezagutza eta historia. Harrapazka Eguna iñistorra ebakitzeko egun berezia zen eta ohiturak orain dela 75 urte arte iraun zuen –1941ean egin zen Hernanin azken aldiz–. Ereñotzuar askok entzuna duten arren, oso gutxik daki zer zen zehazki. Aranzadi Zientzia Elkarteak, Dobera Euskara Elkartearen laguntzarekin, egun berezi hau bizi izan zuten azken testiguak aurkitu, elkarrizketatu eta grabatzeko ahalegina egin du. Horri guztiari, artxiboko dokumentu zahar eta datu bibliografikoak gehitu dizkio.
Duela gutxi utzi gaituen 98 urteko Hipolito Arregui eta 92 eta 90 urteko Antonio eta Pedro Santa Kruz anaiak izan dira gure testiguak. Hernaniko Harrapazka Egunaren azken testiguak.
Baina zer zen Harrapazka Eguna?
Harrapazka Eguna iñistorra ebakitzeko garaiari irekiera ematen zion eguna zen. Hau ospatu arte debekatua zegoen iñistorra moztea, multa jasotzeko arriskuarekin gainera. Egun berezia zen zinez, zituen berezitasunengatik, eta baita zuen garrantziagatik ere.
Iraileko amabirjin (irailak 8) egunaren inguruan ospatzen zen urtero, iñistorra gorritzen hasten zen garaian. Udalak bandoa ateratzen zuen herritarrei noiz eta non izango zen jakinarazteko eta bertara nahi zutenek joateko eskubidea zuten, herri-lurretan egiten baitzen. Askorentzat iñistorra doan ebakitzeko eguna zen; Udalarentzat, aldiz, iñistorra moztea kudeatzeko edo erregulatzeko modua zen. Izan ere, Harrapazka Egunak bere legeak zituen eta horiek ez betetzeak zigorra zekarren.
Familia bakoitzetik bi-lau –urtearen arabera– pertsonak baino ezin zuten parte hartu eta bertara igitaia baino ezin zitekeen eraman iñistorra mozteko.
Egunean bertan, landazainak agindutakoan hasten ziren denak ebakitzen. Bakoitzak bere eremua markatzen zuen aurrena bertako iñistorra moztuaz. Lehia estua izaten zen: aldamenean zeudenek baino azkarrago moztea garrantzitsua zen, norberaren eremua handiagoa izateko. Zenbat eta azkarrago moztu, orduan eta handiagoa partzela. Hori zen harrapazka, hitzak berak esaten duen moduan, ahalik eta gehien, ahalik eta azkarren ebakitzea, etxera iñistor gehiago eramateko. Behin buelta guztia "markatuta", barrukoa mozten hasten ziren.
Argazkian, araldia Urnietan. Argazkiaren jabea: Pili Lasa. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak utzia.
"Aurreneko egunean igitaiarekin moztea baino ez zen libre izaten" esan digu Hipolitok. Iluntzen zuenean ematen zitzaion amaiera Harrapazka Egunari. Hurrengo egunean, leku eta ordu berean, iñistorra mozten jarraitu zezaketen, "baina segarekin moztea baimentzen zen". Horrela, iñistor guztia ebaki arte, edo nahikoa hartu arte irauten zuen kontuak.
Bitxikeriz beteriko egun garrantzitsua
Gure testiguek kontatzen digute nola urrutieneko baserrietakoek orduak egiten zituzten goizean Harrapazka Eguna egiten zen eremura iristeko. Amantarrak eramaten omen zituzten jantzita. Zakuetatik ateratako tela zatiekin –eta beranduago paper-fabriketako mantekin– eginiko galtzetin edo polaina modukoak, abarken gainean jartzen zituztenak. Eta zakutoan eramaten omen zuten jan beharreko guztia, jateko denborarik bazuten, behintzat… garrafoiak ere eramaten omen zituzten sagardo berriarekin, izan ere, zaharrenen esanetan, "sagardo berriak harrapazka egunerako egina behar zuen". Beste batzuek, ordea, "herriaren kontura joaten ziren bazkaltzera" esan digu Antoniok. Udaleko ordezkariak eta landazainak ere bertan egoten ziren, baita Aldundiko ordezkariren bat ere, "baina haiek jatetxetik ekarritako janaria jaten zuten, e! eta iñostorra ebaki gabe! Gure kontura!".
Iluntzean ere izaten omen ziren komeriak. Jendeak ilun-bistan ebakitzen jarraitzen omen zuen eta landazaina zelatan ibiltzen omen zen, arropak aldatu eta txapela alderantziz jantzita ea zein harrapatuko. "Ilargitan lapurtu ederki egiten da" esan digu barrez Pedrok.
Istiluak, lehia... eta auzolana?
Istilurik ere ez zen falta, itxuraz: "Hi gure partzelara sartu haiz!", "Guk ebakitako iñistorra jaso duk!"… izan ere, harrapazka lehia zen. Eta horrek liskarrak eta komeriak ekartzen zituen. Udalak behin baino gehiagotan atera behar izan zituen bandoak legeak gogoraraziz. Baina iñistorra behar beharrezko lehengaia zen, eta horrek auzolanean lan egitera ere behartzen zituen bizilagunak.
Iñistorra mozteko garaiaren aurretik "aaldiya" (araldia) izenekoa egiten zuten –zenbait herritan "malobra" ere deitzen zioten–. Araldia auzolanari esaten zitzaion; iñistor tokietara zihoazen gurdi bideak konpontzeko eta txukuntzeko egiten zen auzolanari. Bertara familia bakoitzak ordezkari bat eramateko betebeharra zuen eta ezin bazuen bidali, ordezkoa aurkitzea euren lana zen. Udalak bando bidez jartzen zuen eguna eta bideak konpontzeko taldeak egiten zituen. Inguruan aurkitzen zituzten harri eta materialak erabiliz konpontzen zituzten gurdi-bideak. Gure testiguek, ordea, beste mota bateko kontuak ere gogoratzen dituzte. Izan ere, Udalak ardoa jartzen omen zuen doan eta ba omen zen jenderik, bertsoak botatzen bukatzen zuenik egun hartan…
Argazkian, Hernaniko Agerre baserrikoak meta eginean, 1965ean. Argazkia: Felix Unzueta. Kepa Urreagak utzia.
Aaldiya eta Harrapazka Egunaren ondoren, ebaki eta mendian lehortzen utzitako iñistorraren bila gurdiekin joateko garaia iristen zen. Askok gune jakin batean egiten zuten zita gurdiekin, eta elkarrekin joaten ziren guztiak bata bestearen atzetik iñistorraren bila, "trena bezala!", "gurdi soinu ederrak ateratzen" gure testiguen arabera. Familiakoen artean jende nahikoa ez, eta baserrien arteko auzolana ere izaten zen askotan, bai iñistorra jasotzeko, bai metak egiteko ere.
Esker onak
Iñistorraren inguruan egin ditugun elkarrizketa guztietan zuen laguntza, denbora eta informazioa eman diguzuen guztiei. Idurre Lekuona, Eñaut Agirre eta Xabier Iriarteri, Harrapazka Egunari buruzko bilketan egindako lanagatik.
Irailaren 24an festa
Ereñotzuko Auzo Udalak antolatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, bideo emanaldia eta ibilbide gidatua eskainiko dute Ereñotzun, irailaren 24an, 9:30ean Auzo Etxean bilduta.
30 minutuko bideoaren ondoren, Harrapazka Eguna egiten zen mendietako pistetatik barrena (Akolatik Igoin-sasira) ibilbidea egingo dute. Antolatzaileek "erraz egitekoa" dela adierazi dute (3,5 kilometro eta 80 metroko desnibelekoa) eta 13:30etarako bukatuko dela.
Artikulu hau sinatzen duen Iñaki Sanz-Azkue arituko da bidean Harrapazka Egunaren inguruko azalpenak ematen. | news |
argia-29dbcef4bc71 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/othoi-cato-etchera.html | Helmugara iritsi ez ziren 50 gutunak | Miel Anjel Elustondo | 2016-09-04 | Helmugara iritsi ez ziren 50 gutunak
1757ko apirilaren 4a, Baionatik Kanadako Louisbourg-era abiatu da Le Dauphin itsasontzia. Frantzia eta Ingalaterraren arteko gerra eta, laugarren egunean, itsaso handian, lau ontzi ingelesen mende da Le Dauphin. Portsmouthera eraman dute ontzia, eskifaiarekin batera. Ondasun guztiak kendu dizkiete. Tartean, euskaraz idatziriko 50 eskutitz: Lapurdum agerkarian ikusi dute argia.
2001ean Londresen zen Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Xabier Lamikiz historialaria doktore tesia helburu. Sasoi bateko merkatarien arteko harremana zuen azterkizun. Horretan zen ingeles itsasontziek XVIII. mendean harrapatutako itsasontzi etsaietako agiriak irakurtzen ari zenean Ingalaterrako hiriburuko artxibategi nazionalean. Gerren arabera antolaturik ageri ziren agiriok, itsasontziaren izenaren eta kapitainaren deituraren arabera nola edo hala katalogaturik, eta hainbat kutxatan gorderik.
Gutuneria handia zen han, eta haietatik tesi lanerako interesgarrien zitzaizkionak hautatu eta katalogatu zituen Lamikizek orduan. 2003an, lantegi horretan ari zela, euskaraz eskribituriko eskutitz sorta handia aurkitu zuen. "Bitxia iruditu zitzaidan hainbeste eskutitz aurkitzea. Hala ere, hura ez zen nire tesiaren gaia eta, beraz, zegokien artxibategiaren erreferentzia gorde eta neure lanari jarraiki nintzaion. 2006an, tesia bukatu eta ondoko urtean, Iker zentroko Rikardo Etxepare zuzendariari aurkikuntzaren berri eman nion. Hark balio sekulakoa eman zion gutuneria hari. "'Guk ez genekien horrelakorik bazenik ere!', esan zidan". Handik laster ziren euskarazko gutunon kopiak Beñat Oihartzabal, Xarles Bidegain eta Rikardo Etxepareren begien aurrean. Beste aldi bat hasi zen orduan: Lamikizek eskutitzei egindako argazkiak hartu eta lanari lotu zitzaizkion Xarles Bidegain eta Manuel Padilla hizkuntzalariak, transkribapenak eginez eta haiek interpretatuz. Lamikizek, berriz, testuinguru historikoaz idatzi zuen.
Le Dauphin itsasontziaren garaia
Ingelesek 28.000 itsasontzi ere arpilatu zituzten XVIII. mendean, 50 urtez gerra egin baitzuten Ingalaterrak eta Frantziak. Manupean zuten itsasontzia ingelesen esku erori baino lehen, frantziar ontzietako kapitainek uretara botatzen zituzten –kasu gehienetan– agiri idatziak, etsaien eskuetan eror ez zitezen. Ondorioz, 28.000 itsasontzi harrapatuagatik ere, zenbait ontzik zeraman dokumentazioa baino ez zen salbatu. Horixe da Le Dauphin ontzi frantziarraren kasua, ingelesen erasoari kontra egin gabe bere burua entregatu zuena. Horrela gorde dira gaurdaino, nahiz eta artxibategiko kutxa ahantzietan izan, euskaraz idatziriko 50 eskutitz, zinez gertakari bakana, gisako agiri pilarik batera agertzea ez baita batere ohikoa.
Lamikizek gutunek erakusten duten munduari begiratu dio eta idazkiotan orduko gizartearen argazkia ageri dela dio: "Industriaurreko egoera penagarrian bizi ziren, miseria gorrian. Klase ertainik ez zegoen, artean: gutxi batzuk ondo edo oso ondo bizi ziren, eta aldiz, gehienak larri, jateko lain ez zutela eta zorretan sartuak. Argi eta garbi ageri da argazki hori gutunotan. Egia da eskutitzok idatzi dituena alfabetatua dela, edo erdizka alfabetatua, baina kontatzen dutena lastimagarria da: senideei itzultzeko erreguka ari dira, hemen behar dituztela, ahal duten moduan bizi direla… 'Otoi, zato etxera' da eskutitzetan behin eta berriz errepikatzen den leloa".
Inondik ere, Le Dauphineko marinelak –gainerako itsasontzietako itsasturien gisa–, arrantzale ziren bake garaia izan zen gerra aurreko aldian. Gerra datorrela, ordea, inork ez du arrantzan nahi. "Gerra hasten delarik, arrantzaleak prest daude kortsoan parte hartzeko, beren bizia arriskatzeko, gehiago irabazten dutelako, bistan da".
Euskararen lekukotasuna
Esan bezala, Iker zentroko kide diren Bidegainek eta Padillak egin zituzten transkripzioak eta burutu zuten hizkuntzaren gaineko azterketa. Alabaina, urteak igaro dira lanak argia ikusi dueneko. Inork ez du Le Dauphineko eskutitzok editatzeko lana berariazko proiektutzat hartu. Eta, bestalde, hor da betiko galdera: ba ote da eskutitz gehiago? Padillak berak esan digu: "Galdera egin beharra zegoen: aurkikuntza berezia da, ala aurkikuntza handiago baten hasiera? Ikerrekoek zenbait bidaia egin behar izan genituen Londresera, kutxatan gordetako dokumentuak aztertzera. Ordurako, Espainiako eta Frantziako itsasontzietan bilduak ziren hainbat idazki baliatuak zituen Lamikizek, baina Frantziako itsasontziak milaka ziren, eta haietan gorderik zetzan dokumentazioa landu beharrean ginen. Sekulako lana berriz ere! Kutxak eta kutxak aztertu genituen Londreseko artxibategian, eta eskutitz gehiago aurkitu genituen han eta hemen –nahiz eta eskutitzok askoz gehiago ez izan–, gehienak XVIII. mende amaierakoak". Orduan bai, itzulinguru gabe esan ahal izan zuten kasu guztiz berezia dela Le Dauphinena: itsasontzia komunitate euskalduna bizi zen lekura zihoan, Kanadako Louisbourg-era. Honenbestez, bi komunitateren arteko harremanaren erakusgarri ziren eskutitzak.
Ozeanoaren alde bateko senideek beste aldera joanei bidaltzen zizkieten gauzez gainera, gutuneria zegoen: sinatuak dira, 1757ko otsailetik apirilera bitartean Lapurdiko hamar bat herritatik bidalitakoak. Jendeak ontziren bat itsasoratuko zelako berria jaso eta gutunak bidaltzeko baliatu ohi zuen. "Batak besteari idaztea oso gauza ohikoa zen. 'Aurten bost aldiz idatzi dizugu eta zure aldetik ez dugu erantzunik izan'. Gisako esanak askotan irakurri ditugu. Jendeak gutunak idazten zituen, hemendik hara nahiz handik hona. Gerra testuinguru horretan segur da hainbat eta hainbat eskutitz galduko zirela, ontziekin batera. Esaterako, Le Dauphinen badira 50 gutun euskaraz, eta 108 frantsesez, Lapurdin idatziak denak ere. Hori da: eskutitz guziak ez dira euskaraz idatziak, baina zati polit bat, bai".
Lapurdiko itsas hegiko herrietako jendeak idatziak dira gutunak, gehienbat, baina badira barnealdeko zenbait lekutan idatziak izan direla erakusten dutenak ere. Batean da Hendaia, bestean Azkaine, barnago Sara.
Padilla hizkuntzalariaren arabera, aipagarriena da gutunok jende xumeak idatziak izatea. "Ez dira handiki ez elizgizon, herri xehe eta marinelen familia dira, kasik beti. Haien mintzamoldea euskara da, oso euskara naturala. Bistan denez, idatzizko generoa da gutuna, formula jakinak ditu, baina, gainerakoan, irakurtzen den hizkuntza oso da naturala". Idazkiok, bestalde, bestelako ekarpen ederrik ere egiten digute, Padillak jakinarazi digunez, eta hizkuntzen historiari lotua da. "Mendebaldeko hizkuntzen historia egin izan denean, testu inprimatuak gertatu dira iturri lehen eta nagusi, hau da, literatur kanon batean ezarriak dira testuok. Nork idazten zituen? Bada, beti edo gehienean handikiek, eskola handiko jendeak, elizakoek. Azkeneko urteotan, berriz, beste lerro bat ireki da, nazioartean Hizkuntz historia behetik izendatu dutena, language history from below . Lerro horretan, mota honetako lekukotasunak lehenesten dira, batez ere erdizka alfabetaturik zegoen jendearenak. Arrazoiak ere badira horretarako: izan ere, haien jarioa hizkuntza mintzatutik hurbilago dago eta errazago islatzen du egiazko ahoskera. Bada ekuazio halako bat: zenbat eta alfabetatuago izan, orduan eta urrunago idazten da mintzatutik, eta alderantzira". | news |
argia-43dabbf9ea91 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/uda-mudan.html | Uda-mudan | Estitxu Garai Artetxe | 2016-09-04 | Uda-mudan
Udaren beroak albiste eskasia ekarri ohi du berekin. Joko-eremu politikoan akordio tazitu moduko bat dago udako hilabeteetan erritmoa moteltzeko. Aski ezagunak dira udako sugeak, komunikabideetan betelanerako baliatzen diren muntarik gabeko gertakariak. Bada, hondar-mondarretan dugun uda hau oso bestelakoa izan da.
Iñigo Urkullu lehendakariari eskertu behar diogu etena etetea. Abuztuan aurkeztu dituzte alderdi politikoek zerrendak eta horrek arreta mediatikoa berriro ekarri du "euskal zera"-ra. Ezin uka, ordea, Madrilgo gobernu-osaketaren tragikomediak Euskal Erdiaren agenda bahituta duela oraindik. Hautes-zita aurreratzeko erabakia baldintzatzeaz gain, alderdi abertzaleen kanpaina Espainiarekiko antitesian oinarritzen ari da.
Batetik, EAJren mezua ez da Espainiako hauteskundeetan erabilitakoaren oso ezberdina izango. Lehenik Euskadi esloganak honi guztiari ematen dio aterpe: Espainia geldi dagoen bitartean Euskadik aurrera egiten du, beharrizan propioak eta kudeaketa modu berezitua ditu eta EAJ da interes horiek ondoen defenda ditzakeena hemen eta Madrilen. Horri "egonkortasunaren" mantra gehitu behar diogu. Krisiak goldatutako lursailean, eskuinak egonkortasuna egoera desiragarri eta positibo gisa aurkezteari ekin dio jo eta su, egonkortasun politikoa aurrerakuntza ekonomikoarekin eta herrien ongizatearekin parekatuta. Urkulluren agintaldia oinarri horren gainean eraikita dago, ez du apostu edo aurrerapauso garrantzitsurik egin, baina egoera egonkorra dela proiektatzen du; egonkorra, hortaz, ona. Jeltzaleen boto aktibaziorako tresna izango da oreka hori galtzeko beldurra, bai Madrilgo egoera ezegonkorrari aurre egiteko orduan, baita bertako gobernu alternatiba bati dagokionez ere (EH Bildu eta Podemosen mamua).
Pili Zabala euskal gatazkari estuki lotutako pertsona da, elkarbizitzaren sinbolo izan daitekeena, baina ez dena inolaz ere koherentea aipatu marka-eraikuntzarekin. Badirudi bozka-arrantzan EH Bildutik hurbil dagoen espektro politikoa aukeratu dutela abstentziotik edo PSE-EEtik etor daitekeen bozka-oldea baino. Zer pentsatua ematen du horrek.
Bestetik, EH Bildu ere antitesiaren bidetik doa Hemen bai lelopean. Lau esanda: aldaketa Euskal Herrian posible da, Espainian ez. Mezu horrek, noski, Elkarrekin Podemosekiko posizionatzen du koalizio subiranista. Hala ere, ezkerrak arazoak ditu –bai gurean eta bai Europan– aldaketa horrek esan nahi duena komunikatzeko, alegia, klase xumeen esplotazioan eta desberdintasunean oinarritutako egonkortasun faltsu horri gizarte antolaera justuago baten eredua kontrajartzeko. Berri Txarrak musika taldeak dio orekak ez duela balio lurrean zaudenean. Egonkortasunak ere ez.
Alta, aldaketaren poloan Madrildik datorren alderdi berri bat gehitu behar dugu: Elkarrekin Podemos. Gurean Podemos hauteskunde-marka da batik bat, ardatz sinple eta salgarrietan eraikitako marka: berria vs. zaharra, behekoak vs. goikoak, jendea vs. kasta, eta abar. Medioen aupadarekin, marka gisa duen indarra aski frogatu da hemen ere. Hori horrela, bat baino gehiago harritu ginen lehendakarigaiaren hautaketarekin. Pili Zabala euskal gatazkari estuki lotutako pertsona da, elkarbizitzaren sinbolo izan daitekeena, baina ez dena inolaz ere koherentea aipatu marka-eraikuntzarekin. Badirudi bozka-arrantzan EH Bildutik hurbil dagoen espektro politikoa aukeratu dutela abstentziotik edo PSE-EEtik etor daitekeen bozka-oldea baino. Zer pentsatua ematen du horrek. Orain arte entzun ditugun mezuetan indefinizioaren bidea hautatu du Zabalak, baina indefinizioak asko definitzen du, eta gehiago gurean.
Arnaldo Otegiren hautagaitzarekin gertatuko denaz gain (tristea da gero oraindik horrela ibiltzea), hiruko ardatz horretan mugituko da batik bat kanpaina, alderdi konstituzionalisten aurreikuspenik onena EAJren makulu izatea dela baitirudi. Edonola ere, ez dute zertan bat etorri kanpainaren ardatzak eta hausteskunde-emaitzak. Ala bai? Hori da zalantza. | news |
argia-d5165e363f59 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/kontxako-bandera.html | Berdintasunaren bidean, oinarri sendorik gabe | Jon Ander De la Hoz Arregi | 2016-09-04 | Berdintasunaren bidean, oinarri sendorik gabe
Emakumeek 2008an jokatu zuten lehendabiziko aldiz Kontxako Bandera. Orduko hartan, iraileko bigarren igandearen bezperan jokatutako sailkapen estropada baten bidez erabaki zuten zeintzuk izango ziren lehen urratsa emango zuten lau ontziak: Rias Baixas, Astillero, Getaria-Zumaia eta Hondarribia. Gerora iritsi zen bi igandetan jokatzeko hautua. Aurten ere hala izango da, baina berrikuntza batekin: zortzi traineruk eskuratu dute txartela, lehendabiziko aldiz.
Kontxako Banderaren antolatzaile Donostia Kulturak pasa den ekainean egin zuen ofizial ordura arte guztien ahotan zebilena. Emakumezkoen arrauna bultzatzeko "beste urrats bat eman nahian", iraileko lehen bi igandeetan Donostiako badian lehiatzen diren emakumezkoen ontzi kopurua lautik zortzira igotzea erabaki zuen. Antolatzaileen asmoa aurrez ezaguna izanagatik, zeresana eman zuen erabakiak, baita arraunlarien artean ere. Orioko traineruan egiten du arraun Miren Iriondok (Deba, 1994), eta bere esanetan, azkarregi hartu da erabakia: "Gaur-gaurkoz alde handia dago ontzien artean. Zortzi sailkatuta, lehiakortasuna murriztu egiten da. San Juan eta Hibaika, esaterako, sailkapen estropadan erlaxatu daitezke, badakitelako oso gaizki eginda ere atzetik bi utziko dituztela".
Miren Iriondo, Orioko arraunlaria:
"Gaur-gaurkoz alde handia dago ontzien artean. Zortzi sailkatuta, lehiakortasuna murriztu egiten da"
Donostia Arraun Lagunak elkarteko Edurne Morenok (Donostia, 1991) ere badaki aldea dagoela ontzien mailari dagokionez, baina positibotzat du erabakia: "Jakinda ikusle gehien biltzen dituen estropada dela Kontxako Bandera, iruditzen zait neurriak ikusgarritasuna eman diezaiokeela emakumezkoen arraunari. Batez ere, Euskotren Ligan jokatzen duten lau ontziez gain gehiago ere bagaudela jakiteko". Gizonezkoetan Kaiarriba-Donostiarra Arraun Elkartearekin gertatzen den bezala, aurrez sailkatuta daude Moreno eta bere tostakideak, alegia Donostiako Lugañene trainerua. Datozen edizioetan traineru horretaz gain hiriko beste ontzirik balego, bien arteko sailkapen estropada jokatuko litzateke, gizonezkoetan Ur Kirolakek eta Arraun Lagunakek urte luzez egin bezala.
Iriondorekin bat dator Irati Iñarra (Pasai Donibane, 1993): "Onuragarria izan daiteke batzuentzat, baina besteei kaltea soilik egin diezaieke, oso atzera geratzen den traineruko kideak arraunarekiko ilusioa galdu baitezake. Hori arriskutsua da". Badaki zertaz ari den Iñarra: azken bi urteetan Kontxako Bandera irabazi du Batelerak ontzian arraun eginda, baina arraunean oro har "garaipenak baino, porrot gehiago" jasan dituela zehaztu du. Izan ere, lehen bost edizioetan Galiziako ontziak nagusitu ziren Donostiako badian. Zumaiak irabazi zuen 2013an, eta azken bi urteetan, Iñarra kide duen Pasai Donibaneko traineruak. Aurten hirugarrena irabazi nahi dute.
Traineru bakoitzak bere helburuak
Traineru kopurua gehitu arren, Iriondok eta Morenok ez dute uste sailkapenaren buruan aldaketarik izango denik. "Azken bi urteetako txapelduna da San Juan, eta Euskotren Liga irabazi dute. Faborito nagusiak dira". Alabaina, ez dago erlaxatzeko aukera askorik, "udan zehar ikusi den bezala Hibaika gainera joaten baitzaie ohartzerako", dio Iriondok. Nabarmendu du eurak ere aurrean ibiltzeko asmotan direla, baina ez du uste bi ontzien parera iristeko gai izango direnik: "Urrun ikusten dugu bandera, egia esan".
Edurne Moreno
Donostia Arraun Lagunakeko arraunlaria:
"Jakinda ikusle gehien biltzen duen estropada dela Kontxako Bandera, neurriak ikusgarritasuna eman diezaioke emakumezkoen arraunari. Batez ere, Euskotren Ligan jokatzen duten lau ontziez gain gehiago ere bagaudela jakiteko"
Iriondok azaldu duenez, azken asteetan arraunketa gehiago bateratzen saiatu dira, eta trainerua aldatu dute: Iñaki Lasa ingeniariak emakumezkoen ezaugarriak aintzat hartuta eraikitako ontzia erabili dute orain artean, proba gisa. Azken asteetan, baina, alboratu egin dute: "Santi Zabaleta entrenatzailea ohartu zen aurretik elkartean genuen Txiki ontziarekin diferentzia askorik ez duela, eta hura hartu dugu berriz". Orain, Hibaikak hartu du Branka probatzeko ardura, eta badirudi ez doakiola batere gaizki: hura erabilitako lehen estropadan, Colindresen (Kantabria, Espainia), bigarrenari 15 segundo sartuta lortu zuen bandera irabaztea.
Morenok aitortu du Euskotren Ligan aritu diren ontziekin alderatuta (San Juan, Hibaika, Orio eta Cabo) maila baxuagoa dutela, eta bestelako asmoak dituzte Kontxako Banderan: "Donostiako emakumezkoen arraunari bultzada eman nahi diogu, ahal bada, ohorezko txandan sartuta". Zehaztu du urtez urte gora joatea dela xedea. Izan ere, Arraun Lagunaken
ontziak bi urte baino ez daramatza itsasoan.
Aurten Gipuzkoako Ligan soilik aritu dira –ez zuten lortu Euskotren Ligarako sailkatzea–, baina nabaritu dute iaztik honako hobekuntza. Ez alferrik, uztailaren 16an lortu baitzuten historiako lehen bandera Donostiako emakumezkoen traineruarentzat, Orion jokatutako erlojupekoan: "Euskotren Ligako ontzirik ez egonda zabaldu egiten zaizkigu aukerak, eta Getaria-Zarautz eta gure artean lehia polita sortzen da. Guk irabazi genuen Orion, eta haiek Zumaian".
Ontzi askotako aldea daramate gizonezkoek
Maila bakoitzean lehiatuko den traineru kopurua berdindu bada ere, sarien bidez banatzen den diru kantitateak ezberdina izaten jarraituko du. Emakumezkoetan, irabazleak 12.000 euro jasoko ditu, eta kopurua murriztuz joango da sailkapenaren arabera; zortzigarren postuan geratzen denak 3.000 jasoko ditu. Zerikusirik ez gizonezkoek jasotzen dutenarekin: 24.000tik 5.000 eurora bitarteko sariak banatuko dituzte. Horri gehitu behar zaio ADEGI Gipuzkoako enpresarien elkarteak aurten emango duen sari berezia: bi jardunaldiak kontuan hartuta denbora onena lortzen duen traineru gipuzkoarrari 5.000 euro emango dizkio, bai emakumeetan, bai gizonezkoetan.
Irati Iñarra
San Juango arraunlaria:
"Oraindik gauza asko dago finkatzeko emakumeen arraunean. Aldaketa asko daude egiteko, eta urteen poderioz egin behar da hori, soseguz eztabaidatuta. Gauzak kolpetik erabakitzeak luzera ez du ezertarako balio"
Iñarraren aburuz "oraindik gauza asko dago finkatzeko" emakumeen arraunean, eta hau horren adibide bat gehiago da: "Unean uneko erabakiekin zaila da behar besteko indarra lortzea. Pentsa, lehen 8.000 euro jasotzen zituen irabazleak, eta 12.000ra igo zuten iaz. Ongi etorria da, baina ez dakit zein irizpide erabiltzen duten aldaketa horiek egiteko". San Juango arraunlariaren esanetan, eurek 2.778 metroko estropada jokatzeak –gizonezkoek bikoitza egiten dute– zerikusia du sarien tamainarekin: "Aztertu beharko da hori ere. Aldaketa asko daude egiteko, eta urteen poderioz egin behar da hori, soseguz eztabaidatuta. Gauzak kolpetik erabakitzeak luzera ez du ezertarako balio".
Morenok ere aldaketaren beharra ikusten du, baita sariei dagokienez ere: "Guri ematen diguten argudioa da lehiatzeko aukera ematen digutela bidea erraztuz, baina diruarena beste kontu bat dela". Lugañeneko tostakidearen ustetan egoera "lotsagarria da, baina gizartea oker dagoen bitartean ez pentsa arrauna aldatuko denik. Batzuok ordaindu egin behar izaten dugu arraun egiteko, beste batzuek diru kopuru handiak jasotzen dituzten bitartean". Bien arteko tartea gero eta murritzagoa den arren, gizonezkoen traineruek ontzi askotako aldea daramate oraindik. | news |
argia-15acb64ea193 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/immigrazioaren-erronkak-integraziotik-aniztasunera.html | Immigrazioaren erronkak: integraziotik aniztasunera | Gorka Moreno M�rquez | 2016-09-04 | Immigrazioaren erronkak: integraziotik aniztasunera
Azken 20 urteetan jatorri atzerritarra duten pertsonen hazkundea izan da gure herrietan, nagusiki 90eko hamarkadan bertaratu zirenena. Urte horietan erronka nagusiak "harrera" eta atzerritartasun izaerarekin loturikoak izan dira. Momentu hauetan aldiz, etorkin gutxi ailegatzen ari dira eta gehienek urteak daramatzate, hortaz, kezkak beste maila batean kokatzen dira, integrazioaren arloan hain zuzen ere.
Integrazioari buruz hitz egiten badugu, bi dira zutabe nagusiak: enplegua eta hezkuntza. Lehenengoari dagokionez, nabaria da enpleguak berebiziko garrantzia duela integrazioan, bertako populazioarentzat zein etorkinentzat. Zentzu horretan, krisiak gogorki jo ditu azkeneko horiek eta asko izan dira enplegua galdu egin dutenak azken urteetan. Jatorri afrikarra dutenen artean nabariago izan da hori.
Beraz, enplegua garrantzitsua da, baina ezin dugu ahaztu horien seme-alabak, batzuk oso gazte etorriak eta beste batzuk hemen jaiotakoak, eta beraz etorkinak ez direnak; horientzat eskolak eta hezkuntza sistemak berebiziko garrantzia dute, horixe baita integraziorako zein gizarte-mugikortasunerako palanka garrantzitsuena, nagusiki gizartearen tarte ertain zein baxuak kokatzen direnentzat, alegia.
Beste hitzekin esanda, integrazioaren partida bi arlo horietan jokatzen ari da. Etorkinek enplegua izan behar dute eta euren seme-alabek enplegu hobeago bat hezkuntzaren bidez, lehenengoentzat autobusa –horizontala– bermatu eta bigarrenentzat igogailua –bertikala–. Ekuazio hori lortuko bagenu –gutxienez zenbait kasutan– integrazioaren erronka horretan aurrerapauso galantak emango genituzke. Horretan asmatzen ez badugu, aldiz, etorkinen seme-alaben integrazioa arriskuan egongo da –ezin da ahaztu hauen espektatibak oso ezberdinak izango direla– eta oso gertu ditugu horrelako eszenatokiek sorrarazi dezaketen ondorio ezkorrak –mapan gora begira baino ez dugu egin behar–.
Seme-alabei buruz hitz egitean hirugarren faseari buruz hitz egin behar dugula iruditzen zait, hau da, "aniztasunaren kudeaketaz". Harreratik integraziora pasa gara eta epe ertainean integraziotik aniztasunerako igaroaldia emango da. Hurrengo hamarkadetan etorkin gutxi izango ditugu baina hemen jaiotako askok beste kultura eta erlijio bat izango dute, aniztasuna inoiz baino zabalagoa izango da eta horrek erronka berriak ekarriko ditu. Horiei –denon artean– erantzuteko prest izan beharko dugu. Gaur egun martxan jartzen diren politika publikoek zeresan handia izango dute, bereziki hezkuntza arloan, bai etorkinen integrazioa ahalbidetzeko zein aniztasunaren kudeaketa egokia eta zentzuzkoa egiteko. | news |
argia-b3e9c045d582 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/katalina-de-erauso-pastorala.html | Pertsonaia gordea oholtzan | Onintza Irureta Azkune | 2016-09-04 | Pertsonaia gordea oholtzan
XVII. mendea. Donostiako domingotarren komentutik ihes egin du nerabeak, bizilekua kartzela zaiolako. Badoa Amerikara, Espainiako erregearen alde borrokatzera, bertako herritarrak zapaltzera. Hogeitaka urte egingo ditu Mundu Berrian ezpata dantzatzen. Ez da, ez, gizona, emakumea baizik. Jada ez da ordea Katalina Erauso, gizon jantzietan Frantzisko Loiola da donostiar abenturazalea. Aurpegi askoko pertsonaia polemikoa, etxean baino kanpoan ezagunagoa, pastoralera ekarri dute. Baionako saioaren ondoren, Donostian eta Donibane Garazin antzeztuko dute.
Maite Berrogainek 2005ean izan zuen Katalina Erausoren berri. Florance Delayren Catalina: Enquete liburua irakurri zuen eta Euskal Herrian arrotz eta munduan ospetsua zen emakume borrokalaria aurkitu zuela iruditu zitzaion. Pertsonaia hark osagai asko zituen: armada, eliza, borrokak, emaztea izatea, sexu orientazioaz zalantzak... alegia, pastorala egiteko gai bikaina iruditu zitzaion.
Hamaika urte ondoren Baionan, ekainaren 5ean, 3.000 lagunek, Lauga kiroldegia leporaino beteta, Katalina Erausoren lehen emanaldiaz gozatu ahal izan zuten. Ikus-entzuleak bero sapa ahaztuta, arizaleen esanei erne ziren. Egokia iruditu zitzaienean txalo jo zuten, barre egin zuten, eta oihuak ere bai gustuko ez zirenak entzun zituztenean. Donostiako Victoria Eugenia antzokian 800 lagunentzako tokia izango da. Baionan baino dezentez ikusle gutxiago eta pastorala ikusten ohitu gabeko hegoaldeko asko ziurrenik. Guillaume Irigoyenek (arizalea eta hainbat abestiren letragilea) kezka horixe adierazi digu, ea ikus-entzuleek, pastoralean behar lukeen bezala, parte hartuko duten: "Baionan ikusle zirenen erdiek pastoralen batean hartu dute parte eta beste erdiaren erdiak parte hartu nahi du".
'Katalina de Erauso' jelkaldika
Dirudienez, 1624an Erauso autobiografia idazten hasi zen eta hurrengo urtean argitaratu zen. Dirudienez diogu, batzuen arabera memoriak baino norbaitek asmatutako kontakizuna baita.
Ondorengo lerroetan Katalina Erausoren abenturazko bizitza kontatuko dugu Maite Berrogainek pastoralerako idatzitako prediku eta jelkaldiak narrazio haritzat hartuz.
1592an jaio zen Katalina Erauso Donostian. Migel Erauso aita kapitaina zuen, Filipe III.a Espainiako erregearen zerbitzura zegoen militarra. Ama María Pérez Galarraga. Lau urtetan lau alaba izan zituzten, eta lehenagotik semea zuten. Familia onekoa zen Katalina.
Aspaldiko urte haietan
Familia sosdunetan
Neskak sartzen ziren
Ttipitik komentuetan
Lau alabak sartu zituzten domingotarren komentuan. Katalinak lau urte baino ez zituen. Aitak ez zuen ezkutatu alabekiko mespretxua:
Alabak hanitx zaitzo
Familiari kostatzen
Aldiz semeek deioe
Hari ohore ekarten
Baionako emanaldian entzuleei ez zitzaien batere gustatu aitaren jarrera eta kiroldegian emanaldiko lehen gaitzespen oihuak entzun ziren.
15 urte inguru arte bizi izan zen komentuan. Handik ateratzeko irrikaz zegoen, ordea. Honela hitz egin zion serora nagusiari:
Hügü dit zure manüa
Joanen nüzü hebendik
Ez dit maite diziplina
Badit nik beste gogorik
Eta haserrealdi batean iritsi zen alde egiteko ordua. Ihes egin eta bizi berri bat hasi zuen, gizon jantzietan hasi ere:
Biloak dütüt moztüko
(E)ta galtza lüzeak jauntsi
Holaxe niz gizon üdüri
Gaztea lerden bühürri
Geroa esküetan düt
Düdarik gabe joanen niz
Barnean dütan sükarra
Ez zaüt itzaliko berriz
Frantzisko Loiola izena hartu eta Filipe IV.a erregearen Gortearen zerbitzura jarri zen. Mundu Berrira, Amerikara, joan nahi zuen. Txile, Bolivia, Panama, Venezuela, Argentina eta Peru zeharkatu zituen, ezpata aldean, Espainiako Inperioko erregearentzat zilarra eta urrea biltzeko ahaleginean.
Osaba Eginorekin egin zuen Amerikarako bidaia:
Honki jin ene lloba
Noski dakizün bezala
Zilar ürre ebasteko
Denak hortan trebe gira
Itsas ontziak dirade
Osoki ürrez betetzen
Hau denen ontsa zaintzea
Zure kargüa da izanen
Holandarrek espainiarren lapurreta gosea ez zuten maite:
Ürrez ezin aseak zidee
Deabrüen bizkar hotzak
Aspalditik gure etsaiak
Espainol ohoin ustelak
Lapurretak, borrokak, ezpata dantzak, abenturak eta ihesaldiak izan ziren eguneroko ogi Amerikan egin zituen 24 urteetan. Batzuetan ihes egiten zuen, uste baitzuen Frantzisko Loiola emakumea zela ohartzear zirela. Gizon jantzietan emakumeekin zuen jarrerak eman du zeresana Katalina Erausoren historian. Izan ere, batzuetan badirudi emakumeren batez maitemindu zela. Maite Berrogainen ustez etengabe egin behar zuen antzerkia inor kontura ez zedin emakumea zela. Beste batzuen ustez, Ipar Amerikako lesbiana mugimendu batzuen arabera adibidez, Erausok emakumeak zituen gustuko.
Hona Berrogainek gai horri lotuta idatzitako bi ahapaldi:
Xiletik landa niz Perun
Solarteren zerbütxüko
Nola ez aipa alabak
Izigarri dütüt gustüko
Zoriona düt topatü
Hanitx jente düt ikusten
Neskekin denbora pasa
Lana ez düt nik senditzen
Maitasun kontuak pixkatxo bat, baina gorrotoak gordinagoak ziren Amerika aldean. Baionako ikus-entzuleak ez ziren lozorroan eta berriz ere gaitzespen oihuak zabaldu ziren Lauga kiroldegian, honela mintzo baitziren Migeltxo Erauso Katalinaren anaia lehendabizi eta Katalina bera ondoren:
Heben zidee suntsitzeko
Arraza apalagoak
Gük garaitüko dütügü
Nausi dira xuriak
Indiano bürügorri
Espainolek zütüe hilko
Trumilka jiten beitira
Amalürra ebasteko
24 urteko bizialdiaren ondoren, Europara joan zen eta emakume zela aitortu eta gizon itxuran bizitzen jarraitzeko baimena eskatu zion aita santuari. Haren arrapostuak publikoa aztoratu zuen eta Erausoren erantzunak berriz, txaloak harrotu zituen.
Lehenik jakin behar dit
Beti birjina zirenez
Hebenko bi emagintsek
Erranen düe bai ala ez
Gizon bati ez deiozüe
Galtatzen denez birjina
Gizon emazteen arteko
Injüstizia bat haboro da
Ez zen Europan errenditu. Berriz ere Amerikara alde egin zuen, Mexikora, eta
1650. urtean hil zen moja soldadua. | news |
argia-d2d53aca58d1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/zer-afalduko-dugu.html | Zer afalduko dugu? | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-09-04 | Zer afalduko dugu?
Londres, 1851. What shall we have for dinner? (Zer afalduko dugu?) izenburuko liburua argitaratu zen. Lady Maria Cuttlerbuck-ek sinatutako lanak afaltzeko 42 menu jasotzen zituen, askotarikoak, bi lagunentzako afari xumeetatik hasi eta hamazortzi afaltiarrentzako oturuntza oparoetaraino. Londres viktoriarrean gastronomiarekiko interesa gora ari zen, atzerriko sukaldaritza lantzen zuten jatetxe kopurua bezala. Errezeta bilduma hura best seller bihurtu zen berehala. Liburuaren jatorrizko ediziorik ez da gorde eta, horregatik, ez dakigu zehazki urte hartako zein garaitan argitaratu zen. Baina urrirako agortua zegoen, bigarren edizioa orduan argitaratu baitzen. Gutxienez bost berrargitalpen egin zituzten 1860. urtea bitartean.
Gerora jakin zen Lady Maria Cuttlerbuck izengoitia zela –frantziar komedia bateko pertsonaia baten izena da– eta liburua Charles Dickens idazle ospetsuaren Devonshire Terraceko etxean idatzi zela. Adituek uste dute hitzaurrea nobelagileak berak idatzi zuela, baina zalantzarik ez dute edukia Catherine Dickens emazteak idatzi zuela (jaiotzez Catherine Hogarth, 1815-1879).
Eskozian jaioa, 1836an ezkondu zen Charles Dickensekin eta hamar seme-alaba izan zituzten. Badirudi, ordea, liburuaren salmentek gora egiten zuten bitartean, senar-emazteen arteko harremana gainbehera zetorrela. Senarraren esanetan, Catherine ama eta etxekoandre ezgauza zen eta hainbeste haur izatea leporatzen zion, horrek buruhauste ekonomikoak eragin zizkiolako. Buruko arazoak zituela ere esan zuen. 1858ko ekainean banandu ziren eta Catherinek etxea eta zaharrena ez beste seme-alaba guztiak utzi behar izan zituen. Eta hala ere, senarrarekiko leialtasuna agertu zuen hil arte.
Azken urteotan Catherine Dickens hizpide duten hainbat lan kaleratu dira. What shall we have for dinner? berrargitaratu zuten 2005ean, hari buruzko bi ikerlan argitaratu dira, BBCk dokumental bat ekoiztu zuen 2011n... Eta guztiek erabili dute sukaldaritzari buruzko liburua egileak senarrak marraztutako gaitasun ezaren karikaturarekin zerikusirik ez duela ondorioztatzeko. Proposatutako afari bilduma horren atzean emakume praktiko, langile eta eraginkorra dago, eskuzabala, besteen nahiak asetzera emana, obedientea. Emakume viktoriar eredugarria, alegia. | news |
argia-aa8444fcb271 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/ez-hitz-egin-klima-aldaketaz-justizia-klimatikoaz-baizik.html | Ez hitz egin klima aldaketaz, justizia klimatikoaz baizik | Jenofa Berhokoirigoin | 2016-09-04 | Ez hitz egin klima aldaketaz, justizia klimatikoaz baizik
Klima aldaketaren desafioa irabazteko beharrezkoa eta premiazkoa den paradigma aldaketaz aritu ziren Munduko Foro Sozialean antolatu Sistema aldatu, ez klima! hitzaldi arrakastatsuan. Borroka hori irabazteko segurtasuna inork adierazi ez bazuen ere, irabaztekotan herri mobilizazioari esker irabaziko dela adierazi zuten hizlari guztiek.
Demokrazia energetikoa izango da klima aldaketaren desafioa irabazteko baldintza. Paradigma aldaketa hori gabe ez da lortuko. Premiazkoa den aldaketa hori agenda politikoan ez izanki, haren gauzapenaz gogoetatzen aritu ziren hainbat militante ekologista ezagun, Munduko Foro Sozialaren barruan antolatu Sistema aldatu, ez klima! hitzaldian, ehunka entzuleren aitzinean.
Demokrazia energetikoa xeheki azaldu zuen Maite Llanos demokrazia energetikoaren alde dabilen Trade Unions for Energy Democracy sindikatuko kide argentinarrak. Hasteko, krisi klimatikoa krisi sistemiko bat dela ohartarazirik, argi utzi zuen eredua iraultzen ez deino, ez dela benetako aterabiderik marraztuko. "Klima aldaketaz hitz egitea peto bat da, bide orri 'onargarri' bat garatuko dutelako enpresa kapitalistek. Krisi sistemikoaz hitz egin behar dugu, sistema aldatzeko eta trantsizio justua herritarrentzat eta herritarrek bideraturik izateko".
Energia politika marrazteko, erabakitzeko eta kudeatzeko eskumena herriek eta herritarrek ukanen dutenean hitz egingo da benetako demokrazia energetikoaz, Llanosen ustez. Hain zuzen, enpresa handiek klima aldaketaren aurka ekin nahi badute ere, ekoizpen eredua aldatzeko nahikeriarik ez dutelako. Iaz Parisen eginiko klima aldaketari buruzko COP21 gailurrean adosturiko testua kritikatu zuen: "Azkenean kutsatzeko eskubidea ematen duen AEB eta Txinaren arteko akordio bat besterik ez da".
Aldaketa itxaroteko denborarik ez dela errepikatu zuten behin baino gehiagotan. Bihar berantegi izanen delako. "Urrunegi joan gara, aitzina urrats bakar batzuk eginez gero leize-zulora eroriko gara. Amildegiaren gainetik jausi egiteko garaia da", abisua luzatu zuen Naomi Klein kazetari eta militante altermundialistak.
Merkataritza askea jomugan
Giltzetariko bat izan zen merkataritza askeko akordioen (CETA, TTIP, TPP...) aurkako borroka. Hain zuzen, testuingurua ikusirik, ez delako sinple Kleinek aipatu jauzia egitea: klima aldaketaren aurkako mobilizazioa jendetsua izanik ere, parean eskutada bat multinazional boteredun direlako. Multinazionalek geroz eta botere gehiago ukaiteak aldaketa lortzea zailtzen duela deitoratu zuten. Besteak beste, justizia klimatikoaren aldeko militante Tadzio Müller alemaniarrak: "Boteredunak gara, gure boterea kalean dugu, bai. Baina multinazionalek botere guztiak jasoz gero, gurea desagertuko da. Akordio horiek debekatu behar ditugu". Hitzarmen horiek oztopatzeko behar gorria azpimarratu zuen, boterea finantzara bideratuz gero herri mobilizazioek ezingo dutelako gehiago fruiturik jaso.
Maite LLanos:
"Parisko COP21 gailurrean adosturiko testua, azkenean, kutsatzeko eskubidea ematen duen AEB eta Txinaren arteko akordio bat besterik ez da"
Akordio horiei lotuak izan ohi diren inbertsiogile eta estatuen arteko desadostasunen konponbiderako mekanismoei esker, multinazionalek botere publikoak auziperatzen ahalko dituzte, etekinak egiteko bidean oztopo dituztela argudiatuta. Adibideak ez dira eskas, eta munduko lau xokotan dabiltza milioiak exijitzen erakunde publikoei. Hots, herri mugimenduen bidez erabaki politikoak lortzen baldin badira ere, azkenean, hitzarmen horiei esker, multinazionalek ukango lukete azken hitza.
Herri mobilizazioak ehundu
"Mobilizatzen jarraitu behar dugu, mugimendu sozialak direlako kausitzen aldaketa handi guztien iturrian", zioen Müllerek. Alemaniak energia nuklearra alde batera uzteko hautuaren kasua eman zuen adibidetzat, oroitaraziz azken 35 urteetan eginiko borroka antinuklearraren emaitza zela. Desobedientzia zibilaren pausoa emateko deia luzatu zuen. Horrez gain, mugimendu eta eragile guztiak ehuntzeko deia egin zuten hizlari guztiek, argudioek baino gehiago herri masak duelako eragingo. Enpresa handiak baino eraginkorrago izateko, sare hori nazioartekoa izan behar dela gaineratu zuen Kleinek. Borrokak ikuspegi intersekzional batekin eraman behar direla ere esan zuen, immigrazioen egoera jasanezina, austeritate politikak zein arrazakeria azkartzea, azkenean arazo sozioekonomiko eta ekologiko guztiak elkarlotuak direlako. Guztia, demokrazia energetiko ezaren froga.
Kanada mendebaldetik ekialdera eta Quebecen gaindi pasako litzatekeen Énergie Est deitu 4.600 kilometroko oliobidearen aurkako protestetan dabilen Anne-Céline Guyon ekintzaileak ere masaren indarra azpimarratu zuen, bi desafio finkatuz: taldeen arteko aliantzekin jarraitzea eta borroka ezberdinak bateratzea. Gaur egun, Quebeceko biztanleriaren %60 eta 300 herriz gora dira Énergie Est proiektuaren kontra. "Arazoaz kontzientziarik ez zuten anitz ditugu gure borrokari lotu, gure mezuei esker ohartu dira geroa zalantzan jartzen duela Kanadaren politika estraktibistak".
Petrolio erreserbak idortuz doazen bitartean, ustiatu gabeko harea bituminosoei begira dira industria zein Kanadako gobernua. Munduko petrolio erreserba handienen hirugarrena du gorderik Kanadak haien oihanen azpian. 2014an, egunero 3,7 milioi upel atera zituzten; 5,3 milioira heltzea dute helburu 2030erako. Nagusiki, petrolio guneak Alberta probintzian —hots, Kanada erdigunean— dira kokaturik, eta handik petrolio portuetara bideratzeko, oliobideak eraikitzen dabiltza. Énergie Est aitzina doan arren, oliobidearen eraikuntza geldiaraziko dutelako esperantza ez du galdurik Guyonek. Europako eragileekin ere elkarlana eraman beharra nabarmendu zuen. "Harea bituminosoetarik ateratako petrolio zikinaren bezeroak Europan dira, eragin desmasiaz kontzientzia harrarazi behar diegu".
Klima aldaketaren aurkako mobilizazio jendetsuak arrakasta izan dezan parean diren multinazionalek botere guztia hartzea eragotzi beharra nabarmendu zuten hizlari guztiek
Clayton Thomas-Muller cree populu autoktonoko kideak berriz, autoktonoen eta zurien arteko elkarlana garatzeko beharra azaldu zuen. Énergie Est oliobideari doakionez, 150 bat komunitate autoktono lirateke hunkiak.
Autoktonoen filosofiaz elikatu
Klima aldaketa eta kolonizazioa eskuz esku dabiltzala ohartarazi zuen Thomas-Mullerek: "Lehen apaizak etorri zitzaizkigun gisara, gaur egun multinazionalen ordezkariak zaizkigu heldu, ekonomiaz dugun ikuspegia aldatu behar dugula erranez". Autoktonoek azkar pairatu behar izaten dituzte politika estraktibista horren ondorioak, hots, lur desjabetze, ur eta aire kutsatze edota immigrazio behartuak.
Presio horien parean, desobedientzia zibila aurkeztu zuen aterabidetzat. Autoktonoa izateagatik jasan diskriminazioa, arrazakeria eta bazterketa deskribatuz hasi zuen hitzaldia. "Autoktonoen bazterketan oinarritua da ekonomia, gure lurretarik kenarazi nahi gaituzte, konpainia handien interesetan". Indigenen filosofiari interesatzeko aholkua luzatu zien entzuleei, klima aldaketak ondorioztatu minez sendatzeko erantzun anitz dituztelako. Hala, Kanada mendebaldeko Manitoba probintzian areagotuz dabiltzan tornadoez babesteko bertako autoktono zaharrak hainbat abilezia azaltzen hasiak direla zehaztu zuen.
Etorkizuneko borroka: ura
Ondoko borroka zein izanen den abisatuz bukatu zuen hitzaldia Thomas-Mullerrek: "Petrolio konpainiak kanpo ezartzea lortuko dugunean, uraren salerosketari lotuko dira beste batzuk. Ura sakratua da eta urarena izango da ondoko belaunaldien desafio potoloa". | news |
argia-5fdb1bcd8a53 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/noaingo-parkea.html | Zentzumenekin jolasean | Garazi Zabaleta | 2016-09-04 | Zentzumenekin jolasean
Hegazkinentzako zementuzko pista luzeaz gain, industria gune zabala ere badu Noainek. Duela hamar urte, ordea, zementuzko eta txapazko inguru horretan herriari aire freskoa ekarriko zion gune berdea hasi zen hazten: Zentzumenen Parkea.
Zentzumen bakoitzak bere gunea
Bost gunetan daude banatuta Zentzumenen Parkeko 25.000 metro koadroak. Gune bakoitza zentzumen bati dago lotuta: Dastamenari, baratzea; usaimenari, lorategi mediterraneoa; ukimenari, lorategi frantsesa; ikusmenari, lorategi ingelesa; eta entzumenari, lorategi japoniarra, bere errekasto eta ur laster soinuarekin. 30 zuhaitz espezie, 95 zuhaixka espezie eta 70 lore espezie baino gehiago daude parkean, urteko sasoiaren arabera paisaian aldaketa handiak eragiten dituztenak. Gune berde hori, noski, bizitoki ezin hobea da basoko animalia ugarirentzat.
Udalaren hautua
Udaleko langile lorezainen babesarekin, Mikel Baztan izan zen Zentzumenen Parkearen ideiaren bultzatzaile nagusia. Egitasmoa ez zen posible izanen, ordea, Noaingo Udalak hartutako jarrerari esker ez balitz. Parkeko lorategietan eta herriko gune berde guztietan lorezaintzako teknika ekologikoak darabiltzate udal langileek, eta esparru horretan aitzindari dira. Zentzumenen Parkeko sarreran dagoen Lorenea eraikina ere Udalaren apustu horren beste adibide bat da: lasto fardoekin eraikia dago. Bertan Baratzezaintza eta Lorezaintza Ekologikoaren Interpretazio Zentroa dago, eta urte osoan eskola askotako haur eta gazteak hartzen ditu.
Estatuko nahiz nazioarteko hainbat sari irabazi ditu azken urteetan Noaingo Zentzumenen Parkeak. Ordea, argi dago parkearekin irabazten atera diren lehenak herritarrak direla. Noainentzat "birika berdea" baita parkea. | news |
argia-f69a9ccf4e9f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/liburua.html | Totemak | Igor Estankona | 2016-09-04 | Totemak
Badaude gai bat jorratzen duten liburuak deskripzioan oinarrituak, badaude hausnartzeko liburuak filosofiaren zidorretan galtzen direnak eta badaude, azkenik, sentitzeko liburuak. Hauen sokakoak iruditu zaizkit beti Peru Magdalenarenak. Berriztarrak ez du hitzik alferrik esaten, ez du pintzelkadarik zentzurik gabe ematen, ez du jantzi bat funtsik gabe aldean eroango. Bere obra artistikoa, bidaiak, bizitzaren gazi-gozoak... denak dira bilaketa estetiko eta are aszetiko baten bide, eta poesia, ezinbestean, arimaren lanabes. Hutsik (Elkar, 2008) irakurri nuenean begitandu bazitzaidan ederra zentzu sakratuan, Argia honekin ere haren kritika egin nuenean nioen gauza bera diot, alegia, pentsakor eta, era berean, hunkiturik uzteko gaitasuna dauka liburu honek, eternoaren kualitatea dauka: "gau garbian izarrak begiratzea/ zeure azaleko oreztak begiratzea/ unibertsoak errepikatzen dituen patroiak/ edertasun berari begira/ naiz lokartzen".
Interesgarriak dira, halaber, sorkuntza poetikoari buruz batez ere liburuko aurren-berrian agertzen dituenak, arestian aipatu dugun kezka estetikoa esanahiarekin lotuz: "ene poesiak/ apuntatzen duena bilakatu gura luke/ hitz hutsezko ontzia abandonatu/ horitu eta desegingo den liburua utzi/ eta deskribaezina den dardara bezala segi bizirik/ hiztun gutxi batzuen artean oihartzun eginez// hitzez eta kontzeptuz ehizatu ezin dudan/ laino miresgarria da ene poesia/ oraintxe bertan jaiotzen ari den/ zaldikume baten azalaren usaina/ izartu berritan oroitu ezin dudan amets izartua".
Poesiaren durundi hori, haurtzaroko irudiekin hasi eta errealitatearekin urtzen den argi zuri erre batean bukatzen dena, Magdalenaren ekarpen itzelena da. Osatzeko eta izpiritua indartzeko poesia-eite bat da, kultua baina sotila, eta meditazioaren eta errezuaren antza har dezake uneka. Harrigarriro leuna, arina eta jostagarria da ostera liburua. Esan dezagun, beraz, zabalik egonez gero misteriorik ez daukan mezua dakarrena, bizitzak berak legez: handia ematen du itxura batean, pentsatzeari utzi eta biziz gero festina lente doan ibaia da.
Eta kritika labur-labur honetan –zeinaren bidez hertsiki galdegiten baitizuegu Argia hartu eta irakurtzeko– azaldu dugun guztia Peru Magdalenari konturatu barik ateratzen zaiola dirudi; hori da lanketaren eta berezkoa daukanaren sintesiaren seinale. | news |
argia-cca3216e6713 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/diskoa.html | Elkarrekin aritzeko nahiak egiten du edozer egingarri | Iker Barandiaran | 2016-09-04 | Elkarrekin aritzeko nahiak egiten du edozer egingarri
90eko hamarkada urrun ikusten da gaur egunetik; eta urrun ikusten da, baita ere, musika estiloak hatzamar gutxirekin zenbatu zitezkeen garaiak. Hala, garai hartan bat-batean ezaguna egin zen hardcore melodikoa delako estiloa, askok ezinezkotzat zutena (melodikoa izan daiteke hardcorea?). Bada, horien artean oso ezagunak egin ziren Kaliforniako olatutik zetozten Green Day, NOFX, Offspring eta, zergatik ez, baita Bad Religion ere.
Hemen, baina, aitzindaria Ezin Izan taldea izan zen eta haien kontzeptua, lehen aipatutakoekin alderatuta, aski desberdina. Pop-ari edo melodia oso borobilei abiadura eta distira eman beharrean, ordura arte gustuko zituzten hardcore-punk erritmo eta melodia estuagoak ahotsak lagunduta goxatu egin zituzten, eta punk zein hardcoreak –oinarrian– izan dituzten hitzei, problematikei eta egiteko moduei –zuk zeuk egizu– eutsi zioten irmo, umiltasunez eta koherentziaz.
Esan bezala, laukotea 90eko hamarkada hasieran jaio zen Donostialdean, orduko Buenawixta etxe okupatu eta mirarien fabrika hartan, eta 1992an maketa kaleratu zuten –kasetean–. Gaztetxe eta etxe okupatuetan emanaldiak egiten aritu ostean, 1995ean No poder ser single dotorea argitaratu zuten Espainiako Estatu osoan zabaldu zena. Taldearen helburua mezuak helarazi eta disfrutatzea izan da beti eta bimilurteko hasieran taldea besterik gabe desegin zen. Horren aurretik, baina, taldearen kantutegia jasotzen duen Nora goaz? disko luzea argitaratu zuten Trintxerpeko Cooperación Records-en bitartez.
Etorri ziren bezala, zaratarik atera gabe, beraiek beti izan diren bezala, desagertu zen taldea. Eta kausa puntualetarako inoiz elkartu baziren ere, ez zen bestelakorik. Baina iaz hiru partaidek (Pablo, Sani eta Jabi Dk) bat egin, berriro elkarrekin aritzeko gogoa piztu eta Lander baxu jotzaile berria batu zuten. Jarraitzeko asmotan daude eta entsegu lokalean zazpi kantu grabatu dituzte, Jomes Hamiltonek (Bap!, Anari, La Jodedera...) nahastu eta masterizatu dituenak. Erdibidean autoekoiztutako CDa da, umila eta apaingarririk gabea. Diskoari izena ematen dion Erdibidean piezak Europa iparraldeko punkera eraman nau; Nora goaz? eta Ibiltari ezagunek taldearen marka dute: hardcore-punkaren kadentzia eta Jabi gainetik leun abestu-errezitatzen. Zorabioa, Agur, aurrerapide eta Sarraskia , baina, erritmo aldaketek, ahots erregistro zabalagoek eta ñabardurek jantzi dituzte. Eta lana ixteko ezaguna dugun Polvo gaztelaniaz abestutakoak, hardcore-punketik aldendu gabe askoz kutsu misteriotsuagoa batzen du, akaso Bap!-en azken garaian egin zuenaren tankeran, eta akaso zirkulua itxi ez dadin. | news |
argia-1daf8b34b769 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/oier-guillan-antzerkilaria.html | "Euskal kultura baino, euskal kulturari begiratzeko modu bat dago krisian" | Danele Sarriugarte Mochales | 2016-09-04 | "Euskal kultura baino, euskal kulturari begiratzeko modu bat dago krisian"
Elkartasun basati bat sumatzen ahal da behinola taberna-zulo berak konpartitu zituztenen artean.
Noiz eta nola hasi zinen idazten?
Esango nuke txikitatik eduki dudala idazteko ohitura edo bulkada. Ikastolan oso lotsatia nintzen eta sormenaren bitartez iristen nintzen besteengana; idatziz, gehienetan. Gero, plazaratzeko pausoa ematea... 18 urteren bueltan hasi nintzen jarraiago idazten, batez ere poesia, eta bete-betean sartu nintzen fanzineen munduan. Gainera, garai hartan ari zen sortzen Mikelazulo, eta horren bitartez, hasieratik lotu genituen idazketa eta oholtza, nahiz eta hasieran errezitaldiak egin eta ez hainbeste antzerkia.
Zer ekarri zizun fanzineetan aritzeak?
Oso esperientzia polit eta subjektiboak ditut gogoan. Idazketan, bakarka hasten zara, baina izaera kolektiboari eta fanzineen istorioari esker heldu nion.
Zergatik da hain garrantzitsua taldea?
Beldurra kentzeko balio du, konfiantza hartzeko, zure burua esploratzeko, kontrastatzeko: mundu oso bat deskubritzen duzu. Hasieran askoz gauza instintiboagoa zen, ez zegoen halako gogoeta intelektual eta politikorik.
Mikelazuloren sorrera gertutik bizi izan zenuen, beraz.
Bai, baina nik ez nuen sortu. Ni izan nintzen Mikelazulok nahi zuenaren lehen belaunaldiaren parte. 1995ean sortu zen.
Euskal Herriko egoera oso bestelakoa zen, eta Oreretakoa, zer esanik ez: eztanda jarrai bat zen hau. Garai hartan oso gauza arraroa zen espazio bat egotea zeinean, adibidez, programazioa lehenesten zen, eta ez barra.
Askotan galdetzen diot neure buruari ea zer izango zen dena baldin eta Mikelazulo egon izan ez balitz, eta, ez dakit. Nik uste dut oso pieza klabea izan zela izaera kolektiboa hala errotzeko eta hainbeste urtetan irauteko. Argi daukat halako proiektuak benetan direla bultzatzaile edo eragile, espaziotik harago planteatzen duenagatik.
Mikelazuloren dimentsio politikoa azpimarratu duzu.
Ezkerraren ikuspegitik begiratuta, jende asko biltzen zen hemen, eta ez denak zehatz-mehatz korronte berdinekoak ezta hain ezkerrekoak ere. Hemen ikasi genuen egiten dugun gauza bakoitzak diskurtso bat behar zuela, eta ondorioz, egiten dugun ezer ez da kasuala politikoki, kontraesanak kontraesan, nahiz eta batzuetan gehiago bilatu eztabaida sustatzea eta ez hainbeste diskurtso bat eraikitzea.
Nola laburbilduko zenuke Mikelazuloko esperientzia?
Elkargunea eta bizi-laborategi itzela, baita arte-laborategi basatia ere; barrabaskeriak egin ditugu.
Bereziki gogoan duzunik?
Niretzat bereziki indartsuak izan ziren kultur internazionalismoaren barruan egin genituen hainbat bidaia. Kanpaina bat egiten genuen, guztiz autogestionatua, dirua lortzeko eta kanpora joateko, eta han kultur proiektu bat aurkezten genuen.
Bereziki dut akorduan Ekuadorko komunitate kitxua batean egin genuen emanaldia. Paramilitarrek zanpatuta bizi ziren eta guk antzezlan bat egin genuen haien aurrean. Mendebaldeko eran antzeztu genuen eta halako zerbait ikusten zuten lehenengo aldia zen. Emanaldi hura da inoiz egin dudan emanaldirik inpaktanteena. Azkenean foro bat egin genuen publikoarekin, guztiok negarrez ginen: gu haien historiak entzuten, haiek gureak... Orduantxe ulertu nuen zer izan zitekeen benetan egiten dugunaren zentzua. Gero, hemen, ez da gauza bera, baina horren arrastoak betiko irauten du.
Eta zer da, bada, egiten duzuenaren zentzua?
Azkenean, beti bilatzen duzu komunikazioa, hemen ere bai, eta lortzen da, batzuetan bestetan baino gehiago. Baina han ez zegoen halako iragazkirik, ez zegoen tartean komunikabiderik, ez nola saltzen dugun gure burua, ez argazkilaririk, ez prentsarik, ez ondo geratu nahirik, ez zegoen programatzailerik... Komunikazio basatia zen, aurrez aurre: benetan ikustea ea egiten dugun hori kaka bat den ala ez. Jendea ez zihoan aurreiritzi batekin, kritika bat edo beste irakurri zuelako. Jendea joan zen eta eman genionak balio zion eta ez zion balio, eta kito. Ondorioz, gu oso egoera bortitzean geunden, tresna bakarra geneukalako: zerbait komunikatzea. Inork ez zuen baloratzen gure dramaturgia, gure estetika, gure ibilbidea... Egiten dugunaren muinera joan behar izan genuen, bete-betean.
Lan kolektiboaz eta oholtzaz aritu gara orain arte. Hel diezaiegun orain zure poesia-liburuei.
Biografia ofizialean agertzen den lehen liburua baino lehenago egon ziren beste batzuk, baina saiatu naiz ezkutatzen. Bestalde, Mikelazulok hainbat liburu kolektibo argitaratu zituen, poesiaren inguruan batez ere, eta guretzat oso garrantzitsuak izan ziren.
Gero, hainbat lehiaketaren bidez publikatu zenituen lanak.
Armairutik ateratzeko modu bat zen, azken batean. Lanak publikatzen zituzten lehiaketetara aurkezten nintzen batez ere. Garai hartan ez neukan segurtasunik nire buruarengan eta gauzak bidaltzen nituen, ez nekien oso ondo nora, eta agian, publikatzen bada, bestela ikusten du lana norberak ere.
Eta, ondoren, Eskuen sustraiak, Susaren eskutik. Lehiaketarik gabe, estreinakoz.
Susako familia ezagutzea oso inportantea izan zen niretzat. Nik uste dut, poesia atalaren bitartez, apustu handia egin dutela pertsona batzuekin. Hasieran bidali niena oso kaskarra zen. Oso zorrotzak izan ziren eta niretzat ikasbide handia izan zen. Hor ikusi nuen zer garrantzitsua den editore baten figura, haren inplikazioa eta haren ahotsa, nahiz eta lerro artean geratu. Arte bat da editorearena, artisautza bilakatzen ari da, eta ez dakit gehiegi esatea ote den, baina iruditzen zait desagertze-bidean egon daitekeela.
Eta antzerkia idazterakoan, ezberdina ote da prozesua?
Niretzat bi bide paralelo izan dira beti, poesia idaztea bakarka eta testuak idaztea taldean jokatzeko: urruntzen eta gerturatzen joan dira. Hasiera batean, gatazkatsua zen harreman hori. Gero, urteak pasata, onartu egin nuen, onartu nuen biak behar nituela, baita, nolabait, denborarekin, bat egin zezaketela. Uste dut lortu dudala, antzerkia idazteko modu bat topatu baitut.
Zein da antzerkia idazteko bide hori?
Autorearen figurari uko egitea. Ez pentsatzea antzerkia idazten duen idazlea idazle bat denik. Taldekide bat gehiago izatea, prozesu baten parte, eta baztertzea autorearen figura hori zeinak idazten baitu obra bat, burutua, sakratua, eta norbaitek hartzen duenean, eta taularatzen, dena errespetatzen baitu, puntuak eta komak eta akotazio guztiak. Errespetatzen dut figura hori, eta agian egon behar du halako eredu batek ere, zeren, estetikei buruz ari garela, denetik egon behar du.
Hala ere, nire bidea izan da autorea akabatzea eta norberaren botereari uko egitea. Nire ekarpena egin dezaket, eta inportantea da ahalik eta ondoen egitea eta testua balioestea, baina ez da sakratua. Boterea taldean dago eta taldeak erabakiko du non gauden eta nora goazen. Gainera, erlaxatzen zarenean eta autorea akabatzen duzunean, deskubritzen duzu testuaren dimentsio oso eder bat. Askoz urrunago iristen dira testuak, bai behintzat gure esperientzian.
Mr. Señora (Txalaparta, 2016) kaleratu berri duzu, ordea, zazpi antzezlan biltzen dituen liburua. Zergatik argitaratu taularatzekoa dena?
Oso antzerki gutxi argitaratu da, baina badago eskaerarik, eta jendeak jarraitzen du 80ko hamarkadako testuetara jotzen. Ez dago testu garaikiderik, nahiz eta asko egon: ez daude eskura. Badago beste teatro bat eta atera behar da.
Nik neuretik egin dezaket. Arra.Arraroarekin ikasi nuen oso garrantzitsua zela kezka garaikideak islatzen dituzten testuak ateratzea, tresna bezala, jendeak taularatu ahal izateko bere kezkak, baina baita beste idazketa mota batzuk egon daitezen ere. Jendeak hartzen zuen Arra.Arraroa eta oso libre sentitzen zen: ez zuten zertan dena erabili, ez zuten zertan akotazioetan dioena zehatz-mehatz egin.
Nik imajinario bat eta testu batzuk planteatzen ditut: abiapuntu bat. Talde batek imajinario hori onartzen badu, material horiek erabil ditzake, eta bereak sortu; libre sentitu aktore-sortzaile aritzeko, horretan sinesten baitut nik. Edo agian, dantza garaikideko norbaitek hartzen du Mr. Señoraren puska bat eta adierazten du gorputzaren bidez nik hitzez esana. Zergatik ez? Zergatik gelditu beti gauzak egiteko modu batean? Jendea irits dadila ahalik eta urrunen.
Metrokoadroka sormen-laborategiaren barruan aritzen zara aktore-sortzaile.
Hasieran, plataforma artistikoa zen, hainbat mintzairarekin. Gero, antzerkiak indar handiagoa hartu du. Oholtza izango da arte bakarretakoa zeinean beste arte guztiak barruan egon daitezkeen. Modu naturalean bilakatzen da akzio-elkargune. Eszenaren bitartez da aldi bakarra zeinean guztiok egon gaitezkeen zerbait egiten, izan fisikoki eszenan edo zuzendaritzan, eszenografia egiten, kartela egiten, musika, argiak...
Nola muntatzen duzue ikuskizun bat?
Ez garelako enpresa bat eta ez gaudelako dinamika horren barruan, proiektu bakoitzak bere historia dauka. Hainbat akuilu egon dira. Norbaitek ideia bat dauka, taldean planteatzen du, eta hor hasten dira aliantzak sortzen modu naturalean, detektatzen da bakoitzaren momentua, agenda, eta taldea sortzen da. Koordinazio minimo bat dago, paperak eta beste kudeatzeko, baina, proiektu bakoitzean, proiektuan daudenek agintzen dute, ez dago zuzendaritzarik. Nahiz eta nik planteatu ideia bat, behin taldea sortuta, boterea galtzen dut guztiz. Niri kontrol-galera gustatzen zait. Azkenean, talde-lana egoteak ez du esan nahi denek gauza bera egiten dutenik eta denek berdin. Rolak daude eta hori ondo dago. Kontua da dena negoziatzen dela. Hori ere ikasi dugu: pertsona bat aktore hobea bada, benetan, eta bestea, berriz, abilagoa jantzigintzan, bada ez du zentzurik ni joatea traperotara alkandora bila. Onar ditzagun gure mugak eta gero negozia ditzagun erabaki garrantzitsuak denon artean. Talde-lana bada, baita ere, norberaren dohainak eta mugak onartzea, eta denonak uztartzea.
Egin dituzuen ikuskizunen artean, baten batek utzi al dizue arrasto berezirik?
Poza oso klabea izan zen guretzat. Oso ondo funtzionatu zuen, nahiz eta oso esperimentala izan eta oso modu kamikazean egin. Obra horretan, urte askoren ondoren, topatu genuen benetan nola esan nahi genituen gauza asko; kokatu egin gintuen, nolabait.
Non?
Lehenengo aldiz, modu intentsiboan egin genuen lan; ordura arte, arratsalde soltetan biltzen ginen. Orduko hartan, ordea, hamabost egun hartu genituen eta leku itxi batean bildu ginen talde osoa, eta buru-belarri lan egin: sorkuntza basatia izan zen. Lehenbiziko aldiz abiatu ginen material autobiografikoetatik, eta autofikzioa egin genuen, horren zentzu zehatzean: material propioetatik abiatu ginen, baina eraldatu egin genituen, eta fikzioa eraiki. Lehenbiziko aldiz sentitu genuen bazegoela modu bat testu poetikoak gorputzetik pasatzeko. Zuzendaririk ez genuen, bost taldekideok zuzendu genuen. Abiapuntuan, irudi bisual poetikoak eta inprobisazioak izan genituen, guztiz fisikoak, eta umore absurdoa ere sartu genuen, baina ez hainbeste txisteak, baizik eta lan fisikoari tiraka.
Zure ibilbideari erreparatuta, zer-nolako balantzea egiten duzu?
Oso errealizatua sentitzen naiz, eta oso pozik, batez ere ez naizelako bakarrik sentitzen, baizik eta zerbaiten parte. Nekea ere sentitzen da, eta prekarietatea; urteek aurrera egin ahala, gero eta zamatsuagoa da. Batzuetan ikusten ditut asko miresten ditudan aktoreak, 60-65 urtekoak, kamioia kargatzen bolo bat eta gero, eta benetan kezkatzen naiz, akaso ni ere gero eta gertuago nagoelako hortik. Nola liteke hain gutxi baloratzea? Zer egiten ari gara hainbeste eman digun jende horrekin? Ez daukat soluziorik. Oraingoz salbatzen gaituena da kolektibitate baten parte lanean jarraitzea, arriskatzen bai politikoki bai estetikoki, horrek dakartzan kontraesan, gatazka eta une zail guztiekin.
Zure ikuspegitik, nola daude arte eszenikoak gaur egun?
Mikelazuloko ibilbideak zerbait erakutsi dit: badago ezagutzen ez dugun errealitate bat, badago gauza miresgarriak egiten ari den jende-kopuru bat, imajinatzen duguna baino askoz gehiago, eta ez dugu aitortzen, ezta onartzen badagoenik ere. Antzerkian, hain zuzen, hori gertatzen da: hainbat forotan argi ikusten da badagoela material esperimental eta humano oso interesgarri eta potentea. Askotan irakurri izan dut euskal kultura krisian dagoela baina nik uste dut euskal kulturari begiratzeko modu bat dagoela krisian. Batzuetan ez da behar beste zerbait sortzea edo gehiago sortzea, baizik eta sortzen denari erreparatzea. | news |
argia-481a5ddb3eec | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/zaindu-laguna.html | Zaindu laguna | Oihana Etxebarrieta | 2016-09-04 | Zaindu laguna
Ikasturtearekin batera urtea hasten dugun horietakoa bazara, ni bezala martxa hartzen ibiliko zara momentu hauetan. Agendari hautsa kendu, laneko e-mail kontuak eztanda egin ote duen begiratu... Lanera itzultzeko depresioez, uda osteko minez, hitz egiten ibiliko gara baina saiatu beharko dugu honi buelta ematen, ezta? Ezin dugu urtea hasteko modu hau normalizatu. Azken urteotan, feminismoetan zaintza bizitzaren erdigunean kokatu behar dugula aldarrikatzen dugu, baina praktikan zenbateraino zaintzen dugu gure burua? Eta ingurunea?
Urte berrirako helburuen artean gure buruak eta ingurua zaintzea proposatu nahi dizuet. Teoriatik praktikara pasatzea. Gure gorputzak eta beharrak entzuten ikasteko garaia da, ezin diogu kanpoko faktoreei gure osasuna, bizitza, egitekoak... antolatzen utzi behar. Konbentzituta nago horrela hasiz gero, ingurua ere zaintzeko jarrera egokiagoa izango dugula.
Gure osasuna kudeatzen hasten bagara, inposatu nahi dizkiguten erraustegien eta enparauen kontrako borroka indartsuagoa izango da, edo elikadura burujabetzari ekarpen ikaragarria egingo diogu. Beraz, bi aldiz pentsatu gabe, entzun zure gorputza, errespetatu zure erritmoak eta ekin bideari! | news |
argia-38e4d6f76aef | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2519/benito-forever.html | Benito forever | Jon Alonso | 2016-09-04 | Benito forever
Uda honetan egin dudan gauza atseginetako bat Benito Lertxundiren kontzertu batera joatea izan da. Baziren urte batzuk azkena entzun nionetik, ez hainbeste hala ere, eta uste dut esan daitekeela, okertzeko inolako beldurrik gabe, urteak aurrera ahala bere burua gainditzen duen artista dela, eta gero eta ikuskizun ederragoak eskaintzen dituela, erloju suitzar baten zehaztasunez funtzionatzen dutenak, daramatzan instrumentista eta ahots laguntzaile aipagarriekin. Gauza bakar bat ez zitzaidan gustatu kontzertuan: ikustea ni nintzela, entzuleen artean, gazteenetakoa. Zaharragook ez diegu transmititzen jakin gazteagoei, antza, zer artista puska den Benito; edo beharbada belaunaldien arteko talka betikoa baino ez da; edo agian gure ohiko fribolitateaz eta inbidiaz saiatu gara Benitoren dirdira amatatzen. Kontuak kontu, nago jende askok, gehiegik, haren ibilbidearen une batean edo beste batean Lertxundiren jarraitzaile izandakoak, ez dakiela zertan ari den gaur egun, duela hogei edo hogeita bost urte jada onenak eman zituela uste duelako; eta gaur haren kontzertu bat entzungo balu flipatu egingo lukeela.
Bera izango da, hain segur, huskeria hauengatik gutxien kezkatzen denetakoa. Ematen dituen elkarrizketetan aske eta suelto mintzatzen da, zuzentasun politikoaren kezkatik urruti bizi denaren antzera. Nola ez da aske eta lasai mintzatuko, ba, duela berrogei urte baino gehiagotik Zenbat gera kantatzen ari den bat
Gure esnobismoak ez dauka mugarik: gure ohiko bidaia horietako batean, zer esanik ez estaturik gabeko nazio horietako batera balitz –Bretainia, Eskozia, Irlanda, Flandria–, Orioko kantariaren mailako artista bat entzutea suertatuko balitzaigu, etxera bueltan hari buruzko aipamenak antipodetan ere entzungo lirateke. Bertan edukiz gero, putza. Lertxundi bera izango da, hain segur, huskeria hauengatik gutxien kezkatzen denetakoa. Ematen dituen elkarrizketetan aske eta suelto mintzatzen da, zuzentasun politikoaren kezkatik urruti bizi denaren antzera. Nola ez da aske eta lasai mintzatuko, ba, duela berrogei urte baino gehiagotik Zenbat gera kantatzen ari den bat. Orduan entzuten genionean gehiegikeria irudituko zitzaigun igual, eta ez genuen kasu handirik egiten. Gero, komeriak.
Oriokoaren jarraitzaile fidelek ironiaz irakurriko dituzte lerrook, beharbada. Beste musika-molde batzuetara emanago daudenek harriduraz, ausaz. Zorionez ez da falta izan, ezta ere, Benitoz ganora handiagoaz eta luzeago hitz egin duenik ere. Nik aitortu egingo dut entzun nion udako kontzertu horretan, Zenbat gera eman zuenean bi ordu eta erdiko emanaldi betearen amaieran, zerbait inarrosi zitzaidala barrutik. | news |
argia-9fb70e045651 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/elena-aitzkoa.html | Elena Aitzkoa | Xabier Gantzarain | 2016-12-11 | Elena Aitzkoa
Gaztea izanagatik jada Gure Artea saria jaso duten artistetarik da Elena Aitzkoa Reinoso (Apodaka, 1984ko urtarrilaren 17a). Sariak gehiago ere baditu, baina merezi du akaso hau azpimarratzea. Epaimahaiak saritzeko modukoa ikusi zuen "artearen gainean duen ikuskera bitalista, bulkada poetiko erradikala eta koherentea, zeinaren bidez bere unibertso propioa sortzen baitu, egunerokoa aparteko bihurtuz". Jolaserako joera du izenburuetan ere. Ez alferrik, idatzi egiten du, argitaratua du poema libururik, bloga du. Idazketa, performancea, marrazkia, pintura, unean-uneko beharraren arabera hautatzen du adieraz moldea, nahiz eta eskultura izan gehiena landu duena orain arte.
Gauza arruntekin eraiki ohi ditu bere eskulturak, eta lanaren egitura erakustea lortzen du, bai eta materialen izaera bera indartzea ere. Bere definizioa hobea da, hala ere: "Oihalekin lan egiten dut, aiztoa eskuan eta bertso bat ahoan. Inguruko objektuak jausi egiten dira. Eskulturak lurretik jaiotzen dira, eta denetarik dute. Puskak dira, opariak, zuloak, gordelekuak, kaikuak, lorategia eta paisaia". Ez du ordea oihalekin bakarrik lan egiten, bidean aurkitzen duen oro balia dezake lanerako: harriak, hariak, adarrak, paper zatiak, liburuak, matxardak, gomak, zernahi, eta bere eskulturetan txeratzen ditu, igeltsutan ezkutatu, buztinetan sartu, oihaletan bildu. Anabasa dentsoak dira lan batzuk, beste batzuk, argazkiko hau kasu, soilak, sotilak eta dotoreak. Lurretik jaiotzen dira, eta lurrean erakusten ditu normalean.
Ez da geldik egotekoa. 2007an, Miguel A. Garciarekin batera, Le Larraskito kluba sortu zuen, soinu-esperimentazioan eta ohiz kanpoko musiketan interesatua, eta Zarata Fest antolatzen ere ibili da ordudanik. Urte berean egin zuen bere lehen erakusketa, egin ditu batzuk harrezkero. Carreras Mugica galerian erakutsi du aurten bertan. | news |
argia-29a90b5ebdac | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/fidelek-iraungo-ote-duen-kubako-agroekologiaren-patuak-erakutsiko-du.html | Fidelek iraungo ote duen Kubako agroekologiaren patuak erakutsiko du | Pello Zubiria Kamino | 2016-12-11 | Fidelek iraungo ote duen Kubako agroekologiaren patuak erakutsiko du
Kuba trantsizio betean murgildurik utzi du Fidel Castrok. Hezkuntza orokortua, herrialde aberatsenekin alderatzeko bizi esperantza, osasun sistema eredugarria... eta, bestetik, jendeen kontsumitzeko irrika, sistema politikoa irekitzea eta ekonomia mundu globalizatuari egokitu beharra. Azken 25 urteotan kubatarrei elikadura bermatu dien nekazaritza ereduaren iraun edo ahultzeak adieraziko du Kuba norantz doan.
Mende erdi batez hartu badio Kuba iraultzaileak gaina AEBek ezarri eta mundu aberatsak oro har zorrotz berretsitako blokeoari, kubatarrek antolatutako erantzunen artean –alde batera utzirik militarki ondo prestatzea– bi nabarmendu izan dira sarri: osasun sistema muturreko egoeretan funtzionatzeko eta herritar guztiak duintasunez elikatzeko antolatzea.
Nekazaritza kubatarrak, ordea, potentzia kapitalisten blokeoa adina laborantza eredu komunista zentralizatuaren kolapsoa behar izan ditu gainditu. Sobietar Batasunak bere inguruan antolatutako sareak 90eko hamarkadan porrot egitean blokeaturik geratu zen Kubako nekazaritza.
Ordura arte, uharteko soroen %75ean azukre kaina ekoizten ari zen laborantza industrialaren efizientzia bilatuz, ordainetan janarien %60 inportatzeko. Pestizida gehienak, ongarrien erdia eta aziendentzako pentsu asko bezala. Petrolioa ere kanpotik erosi behar zen, traktoreak, makineria gehiena, gero azukrea esportatzeko.
Berlingo harresia eroriz geroztik, janarien inportazioa erdira jaitsita, kubatarren dieta izugarri urritu zen: kaloriak %36an, proteinak %40an eta koipeak %65ean. Herritar gehienak argaldu ziren lehen urteetan. Goseari Habanako gobernuak erantzun zion batetik ahulenentzako –zaharrak, ama berriak, haurrak...– janari programekin eta bestetik herritarrentzako arrazionamendu txartelarekin. Alabaina, antzeko egoera larrian sistema mekanizatu zentralizatuarekin jarraitu eta bere populazioa gosetera kondenatzen ikusi zuen Ipar Korearen alderantziz , Kuban nekazaritza osoa birmoldatu zuten eta 2003rako berriro herritarren dieta 2.470 kaloriataraino iritsia zen, hori, gringoen blokeoaren gainetik, Munduko Bankuaren laguntzarik gabe.
Urteotan petrolioan oinarritutako nekazaritza utzi eta bestelako eredu batera aldatu behar izan dute. Lehengo teknika usadiozkoak berreskuratu dituzte laborariek, aldi berean teknologia berriak ezagutu eta pestizida naturalak eta ongarri ekologikoak egin eta erabiltzen ikasiz. Traktoreen ordez idi eta zamarietara jo dute berriro. Azukre-kainatan ari ziren granja asko ere etxalde txikiagoetan berrantolatu da.
Kuba " agroekologiaren paradisu " bilakatu duen transformazioa maila askotako erabakien fruitu izan da. Funtsean, Habanako gobernuak nekazaritza deszentralizatzeari ekin zion 90eko hamarkadan: guajiro [baserritar] txikiei autonomia zabaldu, kooperatiba berriak legeztatu, granja industrial eraginkortasunik gabeak desegin, herri lurrak laga nekazari berriei... Planifikatzeko eta komertzializatzeko eskumen asko udalei pasatu ere bai.
Miguel A. Altieri eta Fernando R. Funes-Monzotek " Laborantza kubatarraren paradoxak " ikerlanean azaltzen dutenez, urteotan 100.000 etxalde txiki baino gehiago sortu dira Estatuak banatutako milioi bat hektareatan. Gainera, badira 383.000 hiri-baratze, 1,5 milioi tona barazki ekoizten dutenak. Denen artean, " Período Especial " aurretik baino %73 kimiko gutxiago erabiliz Kubari baimendu diote bere elikadura burujabetasuna sendotzea, atzerriko jakien inportazioak mugatuz uhartean ekoizten ez direnetara: olio, eta beste.
Zabaltzea ez dela beti salbatzea
Pestizida eta ongarri kimikorik gabe produktibitate handiko laborantza egiten ikasi dute kubatarrek, baina horretarako erabakigarria izan da –behar gorriaz gain– gobernuak milaka teknikari jartzea campesinoekin elkarlanean agroekologia modu zientifikoan garatzen. Gaur munduan peak oil osterako trantsizioaz kezkatua den edonork daki kolapso garaietan herritarren elikatze beharrak ase beharko dizkien agroekologia nonbait ikusteko praktikan, Kuban ikusiko dutela.
Baina Kubako agintariek esku batez agroekologia sustatu duten bezala, bestearekin jarraitu dute ongarri askoko eta teknologia konplexuzko laborantza ere indartzen. Azken urteotan, batzuetan Venezuela eta Brasilgo konpainiekin elkarlanean, ugaritu dira soia, arto, patata eta abarri eskainitako monolabore soroak.
Kubatarrek inbertsio handiak egin dituzte bioteknologian ere, beren transgeniko propioak sortuz. Arduradun kubatarrek diote hemen bioteknologia ez dagoela enpresa handien kontrolpean ez eta ere beste herrialdeetan nagusi den jabego intelektualaren baldintza beretan, eta Kuban lana egiten dutela ingurumena zaintzeko bio-segurtasun arau askoz zorrotzagoekin. 2009an 6.000 hektareatan ereina zegoen FR-Bt1 arto transgeniko kubatarra.
Transgenikoaren zabaltzeak berekin baitakar pestizida sofistikatuen ugaritzea, kimikoen produkzioa handitzea ere sustatzen du gobernuak. Aurten bertan Habana ondoko Artemisa herrian kimikagintzan ari den Juan Luis Rodríguez Gómez enpresa publikoak ekin dio glisofato kubanoa ekoizteari, bere gain hartuz orain arte inportatzen zena –Monsantoren Roundup famatua horixe da, glisofatoa– ordezkatzea.
Nekazaritza ereduez eta tartean transgenikoez asko eztabaidatzen da Kuban azken aldi honetan. Gehiago jankin nahi duenak –gaztelania badaki– ondo egingo du entzunda " Agroecología y transgénesis: ¿Enemigos o posibles aliados? " eztabaida Cubadebate hedabide elektronikoan, alde batetik Luis Montero Cabrera Kubako Kimikaren Elkartearen lehendakaria, bestetik Giraldo Martín Matanzaseko Indio Matuey agroekologia zentro esperimentaleko burua.
Etxalde kubatarren etorkizuna, ordea, barneko eztabaida teoriko-praktikoetan baino gehiago jokatuko da uhartearen isolamenduaren amaierarekin. Ivet Gozalezek IPS agentziako kronika bati, martxoan, izenburu adierazgarri hau ipini zion: "Deshielo con Estados Unidos pone a prueba agroecología cubana". Barack Obamak Habana bisitatu bezperan, Humberto Ríos agroekologiaren sustatzaile nagusietakoa izan den teknikariak –Goldman nobel alternatiboaren irabazlea bera– kazetariari azaldu zion bere kezka, Kubaren kanporako irekitzeak ondorio oso kaltegarriak ekar ditzakeelako: "Ez badira neurriak hartu eta arazo atzeratuak konpontzen, gerta liteke nekazaritza konbentzionalak eta bere produktuek irenstea agroekologiaren 25 urteak".
Pinar del Rion nekazari den Elsa Davalosek kezka bera agertu du, nabaritu duelako hainbeste urtez ongarri eta erremedio naturalak sustatu ostean zein erraza den epe laburreko etekinak eskaintzen dituzten kimikoetara pasatzea: "AEBen negoziaketekin gureganaino ere zabalduko dira mundu osoko nekazaritzan gainezka dauden kimikoak. Urteotan egindako lanari eustea oso zaila gertatuko zaigu". | news |
argia-2eb478a8ceda | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/doinu-indartsua-salaketa-eta-aldarria.html | Doinu indartsua, salaketa eta aldarria | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2016-12-11 | Doinu indartsua, salaketa eta aldarria
Aguraingo taldeak aurrerapausoa egin du bere bigarren disko honekin. Taldea egonkortu egin du, eta Boomerang lanarekin taldeak bere esentzia aurkitu duela esan daiteke, bere mamian sakondu duela.
Taldeak punk-rock eta rock doinuen bidez kritika eta salaketa egiten jarraitzen du, ustelkeriaren, bidegabekerien eta faltsukerien inguruan, ahoan bilorik izan gabe, zuzen edo ironiarekin. Baina bere doinua findu egin du, melodiak gehiago landu ditu, eta zer egin nahi duen eta nola egin nahi duen argi daukala nabarmena da.
Doinua indartsua da, erritmoak biziak dira, eta kantuek energia handia, inkonformismoa eta haserrea transmititzen dute. Borroka egiteko beharra, askatasuna eta nor den bezalakoa izatea ere aldarrikatzen dute: "Izan zure bizitzaren jabe beldurrik eduki gabe, sentitu eta bizi aske". "Aldaketa ez digute oparituko, herria eraiki dezagun, zurekin aldatu nahi dut, kantu berri bat egin nahi dut eta bide berri bat sortu, ez beldurtu dena baitago gure esku".
Unai Olalde (gitarra eta ahotsa), Fonta (ahotsa), Xabi Seko (baxua eta ahotsa) eta Eneko Larrañaga (bateria) dira Frenetik taldeko kideak, eta grabazioa Altsasuko Itxura estudioan egin dute, Fontaren beraren eta Fran Perezen gidaritzapean. Masterizazioa Jonan Ordorikak egin du Mamia estudioan, eta diseinu lanaz Iker Baxerri arduratu da.
Kantuak janzterakoan hainbat musikariren laguntza izan dute. Pello Reparaz (Vendetta), Olatz Salvador (Skakeitan), eta Pablo Martinez (Desakato) aritu baitira Frenetik taldekoekin grabazio saioetan. Halaber, Iker Pastorren laguntza ere izan dute hitzak idazteko garaian.
Eratu, Kaotiko, Kaos Etiliko, Hesian, Txapelpunk eta No-relax taldeetan aritutakoak dira taldekideak, eta Frenetik taldearekin denbora gutxian, bi urtean, jendaurreko emanaldi ugari egin dituzte eta bi disko plazaratu dituzte: Guillotina 2015eko otsailean eta Boomerang aurtengo azaroan. Hemendik aurrera jendaurreko emanaldiak egiten hasiko dira disko berriko kantuekin. | news |
argia-86f8567aa541 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/frogatu-baino-frogatuago.html | Frogatu baino frogatuago | Aritz Galarraga | 2016-12-11 | Frogatu baino frogatuago
Hogeita bost urte bete ditu Karlos Linazasorok. Ez biologikoak, bistan da, nahiz ederki asko kontserbatzen den: gutxi batzuk gehiago dituela dio, espainiarra dela esateaz gainera, bere nortasun agiriak. Ez du ematen, bete-betean baitago gizona: 2016 honetan bakarrik atera ditu Trilogia hiperlaburra eta Zerua beti beherago dago . Luze gabe, iazkoan kaleratu zuen Literatura hiztegi tekniko laburra , liburu kritikari auskalo ausartegi bati "Linazasororen obra gorena izan daitekeena" atera ziona.
Hogeita bost urte literario bete ditu, beraz, Karlos Linazasorok. 1991n argitaratu baitzituen estreinako, ez bat, bi liburuak. 1991ko urrian Udazkeneko karabana erratua , eta aurretik, ekainean, Eldarnioak . Hasieretatik erakutsi zuen, hartara, bere ibilbidea markatu duen ezaugarrietako bat: superprodukzioa. Orain hamar urte, hamabost zeramatzanean, zenbatu bagenizkion hogei liburutik gora, orain hogeita bost daramatzala gainditzen ditu erraz berrogeiak. Matematiketan trakets dabilenarentzat: asko-asko argitaratu duela.
Baina beti ez omen zen izan horrela. Hona ekartzeko aukeratu diogun Eldarnioak narrazio liburuan, zera irakur daiteke azal hegalean: "Barruan zeraman literaturzaletasun lo zorro xamartua, erabat esnatuko zen Tolosako Udal Liburutegiko ardura hartzearekin batera" –bide batez, bibliotekari hiltzaile ez bereziki abil bat du protagonista Dowstowngo kronika ipuinak –. Hori bai, hasi bazen, ez gelditzeko egin zuen. Eta hasi zen gerora bere ibilbidea markatu duten elementuak erakusten: ahots askotarikoak, kezka konstanteak, umore korrosiboak.
Joxemari Iturralde herrikideak idatzi zuen, estreinakoaren atzeko azalean: "Liburu honek maila berezi bat, goi-maila bat lortzen du, narrazio ezberdinak irakurtzen joan ahala, gero eta gorago ezarriz doana". Denboraren perspektibarekin erraza da, baina, liburuko ipuinak gero eta aurrerago maila igotzen doazen arren, ados, esango nuke Iturraldek aipatzen duen maila berezi hori, goi-maila hori aurrerago lortzen duela Linazasorok, beste liburu borobilago batzuekin, aspaldi handian ez abandonatzeko gainera.
Eta zentzu horretan adosago nago Felipe Juaristi kritikagileak adierazi zuenarekin: "Lehen ipuin bilduma izanik, liburuak ematen duenaz gain, bertan agertutakoen arabera espero izatekoak direnak ere kontutan hartu beharrekoak dira. Testu, gozagarri ugari damaizkigu, baina hau inportantea eta euskal literaturan ez-ohizkoa izanik ere, ez da garrantzi gutxiagokoa erakusten duen potentzialidadea". Denborarekin, eta bibliografia ezin interesgarriago batekin, frogatu baino frogatuagoa geratu den potentzialidadea . | news |
argia-283ebe218284 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/aukeratu-ezin-duzun-gauza-bakarra.html | Aukeratu ezin duzun gauza bakarra | Iv�n Gim�nez | 2016-12-11 | Aukeratu ezin duzun gauza bakarra
Miribilla, 2016-IX-17. EH Bilduren mitina: "Hil ezin zenituzten langileen seme-alaben ordua da" (*). Miren Larrionen hitzak dira. Kanpainaren profil baxuko mezuak kontuan hartuta (denak lagun, denak adosteko prest, antagonismo politikoa desagertua), Larrionen hitzak markatutako gidoi txepeletik atera omen ziren.
Zergatik? Agian, aukeratu ezin dugun gauza bakarrari buruzko aipua zelako. Nortasuna eta identitatearen kontzeptuen inguruko zerbait esan nahi zigulako, ziurrenik nahi gabe. Nor gara? Akaso gure identitatea hautatu ahal dugu? Zinezko identitatea diseinatu ahal dugu denboraren poderioz, bizitza baten bilakaeraren emaitza bezala? Hil ezin zituzten langileen seme-alabak gara ala ez? Hau ezin dugu hautatu, gurekin dator ala ez.
La Polla punk taldearen omenezko kontzertuan abesti hura berriro entzutean, arreta berezia jarri nuen nire ingurukoengan. Eta langile haien seme-alabak ziruditen, barneko zerbaitek zirrara eragiten zielako
Gaurko gizartean, identitate asko gurutzatzen dira gure barnean, zer garen eraikitzeko prozesuan. Ia guztiak hautatuak dira, sehaskatik ez datoz gurekin, eta bizitza osoan alda ditzakegu. Abertzaleak ala espainiar zaleak izan gaitezke; kristauak ala ez; ezkertiarrak ala eskuindarrak; ekologistak ala ez; sexuaren inguruko hautuak... eta abar. Denok ezagutzen dugu hautu horien artean mugitu den norbait (urte gutxitan gauza bat eta kontrakoa izaten).
Bestalde, Messi edo Ronaldo ez bazara, bizimodua ateratzeko zure lan-gaitasuna saldu beharko duzu, derrigorrez, egunero eta alternatibarik gabeko merkatu krudel batean. Ez dugu aukerarik. Ezin dugu hortik ihes egin. Orduan, zertan oinarritzen da gure benetako identitatea? Zer gara, ezinbestean? Gurekin datorrena eta bizitza osorako gurekin egonen dena: lan egiteko beharra.
Gauzak horrela, aukeratu ezin duzun hori zara zu, ez besterik. Horregatik diot: "Hil ezin zenituzten langileen seme-alabak gara" esateak gure sustraietan dagoen zerbait azaleratzen duela, gure sakonean gordeta daukaguna argitara ekarriz. Azken finean, langile haien seme-alabak gara ala ez. Orain gutxi, Iruñean, La Polla punk taldearen omenezko kontzertuan abesti hura berriro entzutean, arreta berezia jarri nuen nire ingurukoengan. Eta langile haien seme-alabak ziruditen, barneko zerbaitek zirrara eragiten zielako.
Ordea, Ramón Espinarrek (Madrilgo Podemoseko buruzagia) bere burua saldu zuen zorigaiztoko txio batean "hil ezin zenituzten langileen seme-alabak gara" aireratuz. 2014an idatzi zuen, baina aurten gogoratu diote (nork eta Cristina Cifuentesek) bere aita dela Caja Madrid-eko black txartelak erabiltzen zituztenetako bat. Ramon gaixoak ez du bere aitaren ustelkerien errurik, baina... Zinezko identitatea ezin da asmatu. Harrapatuko zaituzte eta arerioek zure kontra erabiliko dutelako.
* La Polla punk taldearen No somos nada abestiko pasartea. | news |
argia-374351dadea2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/herriak-guztiaren-kontrola-izatea-lortu-behar-dugu.html | "Herriak guztiaren kontrola izatea lortu behar dugu" | Xuban Zubiria | 2016-12-11 | "Herriak guztiaren kontrola izatea lortu behar dugu"
Askapenak Gasteizko Hala Bedi tabernan antolatutako "Erresistentzia eta herri boterearen eraikitzea hegoaldeko Europan" mahai ingurua probestu genuen, Teresa Cacere (Je So' Pazzo kolektiboa) ekintzaile italiarra elkarrizketatzeko. Napoliko errealitate sozial gordinari nola egiten dioten aurre azaldu digu.
Napolik egin zaitu militante. Nola eta zerk eraginda hasi zenuen zure militantzia politikoa?
Nik txikitatik izan dut kontzientzia soziala. Ikasketek eraman naute Napolira. Hango testuinguru soziala oso emankorra da Italiako beste hiriekin alderatuta. Militantzia bizitzeko modu bat da niretzat, naturalki ateratzen zaidan zerbait. Anomalia badirudi ere, Napolin dugun alkatea Luigi Dismitris (Mugimendu Laranja) oso gertu dago gizarte-eragileetatik eta horrek asko lagundu du zentro sozial askoren garapenean eta gazteen parte hartzea handitzen.
Je So' Pazzo kolektiboaren parte zara. Zer eskaintzen dio zuen proiektuak Napoliko hiriari?
Gure proiektua 2015ko martxoan hasi zen hiriaren erdialdeko eraikin bat okupatu ostean. Lan asko egin eta gero, hainbat dinamika martxan jartzea lortu dugu, tartean "herri anbulategia" deitzen dioguna. Italian osasungintza publikoa bada ere, ez da herriaren beharrak asebetetzeko gai eta arazo horri erantzuteko sortu genuen proiektu berritzaile hau. Hainbat medikuren kolaborazioari esker, astean behin kontsultak, ekografiak egiteko aukera eta osasun laguntza eskaintzen ditugu gune okupatuan. Proiektuaren arrakasta ezin dugu ezkutatu eta Napoliko ospitale edo osasun zentroetara joan ezin dutenekin harreman zuzena sustatzea lortu dugu. Auzoetan dagoen bazterketa gutxitzen ari garela esan nezake.
Bigarren proiektu nagusiak Italian oso errotua dauden lan baldintza eskasen tradizioa eta prekaritatea desagerraraztea du helburu. Horretarako Lanaren Herri Ganbera "Camera Popolare del Laboro" jarri dugu martxan. Mugimendu horren funtsa langile guztien eskubideen defentsa egitea da, batez ere beltzean lan egin eta ia eskubiderik ez duten langileei babesa eskaintzea. Napolin lan duinaren aldeko defentsa sareak eratu nahi ditugu, langile guztien borrokak oinarri hartuta.
Teresa Cacere, ezkerrean Curro Moreno (SAT) eta Bruno Carvalho ekintzaile portugaldarrarekin batera. Askapenak eta Ipar Hegoa Fundazioak antolaturiko formakuntza jardunaldietan parte hartu zuten.
Testuinguru horretan zein da Camorra -ren rola?
Camorra tragedia hutsa da Napolirentzat. Arazo kronikoa da eta zoritxarrez oraindik mafiaren sareak oso indartsuak dira Napolin. Guk mafiaren aurkako mugimendu bezala, uste dugu bere aurka egiteko daukagun armarik indartsuena hezkuntza dela eta auzoetako txikienentzat aisialdi eskaintza oparo bat garatzen saiatzen gara. Auzo pobreenetan kirola edo jolasen bitartez gazteen inklusio soziala indartzen dugu, Camorra -tik ahalik eta urrutien bizi eta hezi daitezen.
Krisi latz honek Europa hegoaldeko herrialdeetan aktore politiko berriak (Podemos, Syriza, CUP) sortu eta indartu ditu: Italian zein da egoera?
Je So' Pazzo proiektuaren parte naizen aldetik, gure helburua beti izan da jakintza eta borroka sozial guztiak batu eta maila nazionalean federatzea. Alderdi politikoen gainetik eragin nahi dugu. Herritarren arazoei, maila lokal eta nazionalean, erantzuna emateko egiturak sortzen dihardugu. Guzti honen adibide nagusia da Lanaren Herri Ganberarekin egin duguna. Erakundea Italiako beste hirietara zabaltzen ari da eta batzuetan oso indartsu ezarrita dago jada. Elkarlanean oinarritutako borrokek emaitza handiagoa ekartzen dutela pentsatzen dut. Italiar askoren moduan ni ez nau inongo alderdi politikok ordezkatzen, ez naiz horietako inon identifikatua sentitzen, baina hau ez da sekula arazo bat izan nire jardun militantea aurrera eramateko.
Matteo Renzik bultzatutako konstituzio erreformaren inguruan erabakia hartu beharko dute italiarrek hilabete barru. Ze irakurketa egiten duzu erreferendumaz?
Erreferendumaren aurrean Italiako milaka erakunde sozialek agertu duten iritzi berbera dut. Renzik eta PD alderdiak erreforma hau bultzatu dute, gaurdanik Italian oso murritzak diren erabaki guneak oraindik gehiago murriztu eta boterea gutxi batzuen esku uzteko. Gure politika herria ahalduntzea eta apurka-apurka erabaki propioak hartzeko ahalmena edukitzea da Italiaren etorkizuna hobetu dadin. Uste dut gure proposamena eta Gobernuarena kontrako norantzan doazela.
Herritarrak ahaldundu esan duzu? Zein da formula?
Arlo honetan Italian ere ez dugu errezeta magikorik. Nire ustez lehen pausoa da gure jardun militantean herritarren ahalduntzeak behar duen lekuari garrantzia ematea. Ahalduntzea "controlo polulare" edo Herri Kontrola deitzen diogun filosofiaren barruan kokatzen dugu. Herri kontrolaz hitz egitean, herritarrak politizatzea ezinbestekoa dela esaten ari gara. Herritarrak populismo xenofobotik aldentzeaz ari gara eta Italia hegoaldeko ustelkeria jarduera endogamikoetatik herritarrak urruntzeaz ari gara. Finean, herriak guztiaren kontrola izatea lortu behar dugu.
Bide horretan iniziatiba asko jarri ditugu martxan, kultur ikuskizunak, mobilizazioak eta baita Italia hegoaldean oso agerikoak diren boto erosketen aurkako kanpainak ere.
Europako leku askotara olatu xenofobo berri bat heldu da. Zein da egoera Napoli eta Italia hegoaldean?
Ultraeskuineko mugimendu populisten aurkako borroka ez da oraingoa Napolin. Oso hiri anitza izan da bere sorreratik eta milaka kultura elkarrekin bizi izan dira. Arrazakeria eta xenofobiari aurre egiteko beti egon da herri giharra Napolin. Gaur egun ere era askotako mugimendu sozialen eguneroko lanak hor dirau eta desberdinaren aurkako mezua zentralitate politikotik urruntzen jarraitzen dugu. Errefuxiatuen krisiak ekarri duen krisi humanitarioaren inguruan kontzientzia sortzeko proiektu asko jarri ditugu martxan. | news |
argia-fb4d32810915 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/kapitalaren-xantaiak.html | Kapitalaren xantaiak | Juan Mari Arregi | 2016-12-11 | Kapitalaren xantaiak
Sidenorrek, EAEko plantetan 2.000 laguneko lantaldea duen euskal industria siderurgikoak, aldi baterako enplegu-erregulazio espedientea iragarri du 2017 eta 2018rako.
Talde osoan batez beste %50 lan gutxiago ekarriko luke horrek. Sindikatuen eta enpresaren arteko negoziazioaren ordua iritsi da. Ez litzateke soberan egongo gogoratzea antzeko egoerak gertatu izan direla euskal enpresetan 1980ko urteetako krisiez geroztik. Horregatik, badago arrazoirik susmoa izateko xantaia berriak egon daitezkeela Sidenor Taldearen eskutik; sindikatuek eta langileek ondo egingo lukete adi egotearekin.
Kapitalak, bere lan-baldintzak irentsi arazteko, planak onartzen ez badira negoziazio unean mehatxua egiten du betiko ixtearekin. Sindikatu eta enpresa batzordeak batzuetan plan antisozial horien aurrean makurtu egiten dira, esanez okerragoa litzatekeela lantegien erabateko itxiera edo langile gehiago kalean geratzea. Bere egiten dute Kapitalak erabiltzen duen xantaia eta beldur politika.
Sidenorrek, erregulazio espedientea iragartzeaz gain, esan du "lana egokitzeko plan bat" ezarri nahi duela. Zehazki, langileen malgutasuna, ordu gehiago sartzeko prest egotea, mugikortasun funtzional eta geografikoa, oporraldia banatzea… Murrizketa eta lan eskubideen galera gehiago proposatu du, alegia. Eta sindikatuek negoziazioan izango duten jarreraren arabera, Kapitalak, hots Sidenorrek, modu batean edo bestean xantaia egingo du bere helburuak lortzeko. Produkzio indarra (enplegua) gutxitu nahi du, baina etekinak pilatzen segi. Kapitalaren xantaiaren aurrean, euskal siderurgia eta kalitatezko enplegua defendatzea izan behar luke sindikatuen eta instituzioen zeregina. | news |
argia-08b86d580ed8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/lurdes-zabaltza-mikel-zabaltzaren-arreba.html | "Mikelekin zer gertatu zen badakigu, aitorpena falta da" | Miel Anjel Elustondo | 2016-12-11 | "Mikelekin zer gertatu zen badakigu, aitorpena falta da"
26 ditu azaroak urtero. Mikel Zabaltza guardia zibilek atxilotua, Intxaurrondora eramana. "Ez dago hemen"; omen. Handik hogei egunera, 15 dituenean abenduak, Endarlatsako putzuan agertu da gorpua, bertara eraman duten Intxaurrondoko guardia zibilei eskapo, itota; omen. Segurtasun-indarrek beti dute gehiago indarretik segurtasunetik baino, hemen eta munduan.
31 urte dira anaia Mikel hil zutela. Batean eta bestean hitz egin izan duzu, kazetariek eta ez-kazetariek galdeturik. Bada 31 urte honetan esan ez duzunik?
Gauza asko. Hala ere, esan beharrak esaten ditugu, ez pentsa. Baina seguru gauza asko esan gabe gelditzen direla. Batzuetan, ez direlako etortzen, eta beste batzuetan, munduari ez zaizkiolako inporta. Esate baterako, gure txikitako kontuak, gaztetakoak… munduari ez zaio horrelakorik inporta, kasua baizik, Mikelekin gertatu zena.
Zenbat anai-arreba izan zineten etxean?
Zazpi ginen. Mikel zen zaharrena, bigarrena ni, txikitan elkarrekin ginen beti Mikel eta biok. Elkarrekin joaten ginen eskolara, elkarrekin lanera, aitari aziendan laguntzen. Elkarrekin ginen nerabezaroan ere. Elkarrekin izan ginen beti, nahiz eta gaztetan nork bere bidea hartu zuen. Mikel Donostiara joan zen lanera, eta ni berriz, Iruñea aldera.
Zu ez ezik, zure ahizpak ere ikusi izan ditut hedabideetan Mikelen kasua kontatzen.
Esate baterako, Arantxak omenaldietan hitz egiten du. Bestela, Idoia eta Begoña ere –etxeko txikienak, bizkiak–, agertu izan dira hango edo hemengo egunkarietan.
Denok berdin kontatzen duzue "kasua"?
… Ez dugu kontatzen… Nafarroako Parlamentura joan ginenean, adibidez, gure artean hitz egin genuen, gutxi gorabehera denok gauzak berdin xamar esan beharra dauzkagulako, baina etxean asko kostatzen da, asko, horretaz hitz egitea… Orain, dokumentala egiten ari diren honetan, gehixeago hitz egin da. Hala ere, esaten dizut, asko kostatzen da hartaz hitz egitea. Omenaldia delarik, omenaldia, han bi hitz egingo ditu Arantxak, eta besterik ez. Ez da gai goxoa, ez. Gutxitan hitz egiten da. Beharbada hobeko genuke bildu, hitz egin eta barnea hustu. Nik bizipen jakinak ditut, nire senideek bezala, zeren eta garai hartan haiek Orbaizetako etxean zeuden, eta han gertatu zen gauza gehiena. Inor inora joatekotan, Orbaizetara joaten zen, gure etxera. Ni, berriz, Iruñea ondoan bizi nintzen ordurako. Ama, esate baterako, ez zen gauza hori kontatu zalea, "Ez dut hori berriz kontatu nahi!", esaten zuen.
Noiz hil zitzaizkizuen gurasoak?
Ama 1998an, aita 1992an.
Nola eragin zien Mikelen heriotzak?
Zizko eginak gelditu ziren. Amak depresio ikaragarria izan zuen, urteak behar izan zituen onera etortzen. Aitak, berriz, hil egin nahi zuela esan izan zuen, Mikelen ondora joateko. Zen gizon bat oso indartsua, oso sasoi onekoa… Ezagutzen zutenek beti esaten zuten: "Gizon honek daukan osasuna! Ehun urte ere iraun behar du!". Eta gero, minbiziak jo eta bi egunean eraman zuen.
Bularreko minbiziak jo zintuen zu.
Bai.
Esaten dutenez estres egoera gaitzak dira minbiziaren jatorrien artean.
Hala diote. Nire minbizia horren ondorio dela esaten didate. 2000. urtean sortu zitzaidan gaitza. Egia den ez dakit. Nik baino gehiago dakitenak badira esateko harremanik baden edo ez.
Dokumentala aipatu duzu arestian.
Bai. Hor nork bere esatekoa du, eta nik, esaterako, transmisioaz hitz egiten dut, zeren eta bi alaba neuzkan garai hartan, eta kasua alabei nola transmititu zen nire gaia.
Iruñean zinen Mikel atxilotu zutenean, 1985eko azaroaren 26an.
Baita ama ere, nirekin zen, aitaginarreba erresidentzian geneukalako. Goizean, telefonoz deitu zuten esanez etxeko bi anaia, Aitor eta Patxi, atxilotuta zeudela. Lanera joana nintzen ordurako, eta haraxe deitu ninduen amak. Lanean esan eta irteten utzi zidaten. Patxi Zabaleta abokatuarekin hitz egin, habeas corpus-a eskatu eta Iruñeko kuartelera joan ginen. Han zeudela esan ziguten. "Mikelek ere jakin egin behar du!", esan genuen, eta etxera deitu genion, Donostiara, han egiten baitzuen lan. Baina inork ez zuen hartzen. Lan egiten zuen Donostiako Tranbia konpainiara deitu, eta han ere ezer ez. Lanera joan behar zela, baina ez zela azaldu. Neskalagunaren etxera deitu, eta Idoia Aierbe ere atxilotuta zegoela jakin genuen, guardia zibilek eraman zutela. "Mikel ere atxilotuta egongo da!". Iruñean Zabaletarekin izan ginen, eta Donostian, berriz, Iñigo Iruinekin. Intxaurrondora jo zuten, ukatu egin zieten Mikel han zegoela. Are gehiago, han amari esan zioten semea galdu bazuen, objektu galduen bulegora joateko.
Hortik dokumentalaren izena! "Objektu galduak"!
Bai… "Objektu galduak"… Aitor eta Patxi arratsaldeko bietan eta hiruretan askatu zituzten, libre, kargurik gabe. Oroitzen naiz amaginarrebarekin erresidentzian bazkaltzen ari nintzela bi anaiak agertu zitzaizkidanean. Aldiz, Mikelekin batera bizi zen Manolo lehengusua eta Idoia, Madrilera eraman zituzten, Lege Antiterrorista pean.
Azaroaren 26an atxilotu, abenduaren 15ean agertu zen Mikelen gorpua. Zer izan zen egun horietan?
Istorio asko egun horietan. Hasteko, ukatu egin zuten Intxaurrondon zegoela. Gero, bertsio ofiziala zabaldu zuten, atxilotuta eduki zutela, eta itaunketan Mikelek bere borondatez aitortu zuela zulo bat zuela Endarlatsan –inoiz ez zuten esan armamentua zen, lehergaiak ziren–, eta haren bila eraman zutela Mikel, hiru guardia zibilekin. Inori ez zaio buruan sartzen zulo baten bila atxilotua eta hiru guardia zibil ibiltzea, baina hori ere esan zuten. Guardia zibil bat aurretik, bi zituela atzean Mikelek, batari kolpea eman eta errekara bota zuela bere burua. Sinestezina… Hurrengo egunean, Guardia Zibilaren sindikatu klandestinoak esan zuen ez ibiltzeko bila, Intxaurrondon akabatu zutela.
Argazkia 2014koa da, Mikel Zabaltzari egindako omenaldi batekoa.
Argazkia: Andoni Canellada / Argazki Press
Eta zuek?
Sinetsi nahi genuen eskapatu zela! Gero, Auritzeko kuarteleko guardia zibiletako bat Orbaizetako etxera ere etorri izan zitzaigun, esanez beste aldean halako herrian halako etxean ikusia zutela Mikel behin baino gehiagotan. Baina ez zen horrelakorik, jakina. Nola egongo zen, bada, han. Itsasoko Gurutze Gorria Mikel ustez eskapatu zen urbazterra arakatzen ibili zen, lagunak mendi inguruan Mikelen bila… Eta, horrela, bezperan Gurutze Gorria bila ibilitako lekuan, hantxe agertu zen Mikel, hila.
Hogei egun.
Ez oinutsik, ez bilutsik, ez arrainek jana. Osorik agertu zen, jantzita, bi oinetakoak zituela, arrainek ukitu gabe. Mikelek ez zituen hogei egun haiek uretan iragan.
Zein da zuen bertsioa?
Tortura pean hil zutela, bainera egiten ari zirenean, zeren eta Manolo lehengusuak aditu zituen Mikelen garrasiak, eta haren botakak. Idoiak ere ikusi zuen plastiko pean edo zer edo zer, eta gorpuzkerarengatik Mikel zela zioen. Eta guardia zibilen komentarioak: "Oso gaizki dago, joan egin zaigu!". Horrelakoak... Manolok gure amari esandakoa: "Izeba, Mikelek ez zuen batere indarrik eskapatzeko. Nik aditu nuena aditu eta gero, Mikelek ez zuen ezer egiteko indarrik".
Eta abenduaren 15ean, gorpua agertu zenean?
Luis Roldanek, Guardia Zibilaren zuzendari nagusia, deitu gintuen. Niri egokitu zitzaidan telefonoa hartzea. Gorpu bat eskuburdinak jarrita agertu zela Endarlatsan esan zidan. Nik ez nuen horrelakorik sinetsi nahi: "Segur nire anaia dela?", eta "Nork behar du, bada, izan?". Handik berehala, Efe agentziak deitu zuen: "Eta orain zer diozue?", "Bada, uretara bota dutela, beren bertsioari sinesgarritasuna emateko". Gero, gure kontrako salaketa jarriko zutela ere ekarri zuen prentsak, lagun batek esan zidanez, difamazioagatik, omen. Hurrena, Espainiako gobernuko presidente Felipe Gonzalezek esan zuen entenditzen zuela familiaren minak eragindakoak zirela gure hitzak eta ez zuela salaketarekin aurrera egingo.
Garai hartan Donostiako Herri Irratian lanean ari zen kazetariak esana da Mikel desagertu zenetik agertu bitartean huraxe izan zela albisteetan lehena.
Guk irrati eta prentsa bidez jakiten genituen gauzak. Lanean ari nintzela ere, ordu oro jartzen nuen albistegia, ea berririk jakiten genuen.
Eta Mikel agertu zenean?
Amorrua, ondoeza, ezina… Dena! Alde batetik, "poztu" egin ginen, agertu zelako. Hila zen, baina makurrago izango zen hila eta galdua. Alde horretatik, espero dut orain Naparraren familiak argia ikustea, hainbeste urte eta gero.
Argazkia: Dani Blanco.
31 urte honetan, Mikel Zabaltza gogoan, izan duzue laguntzarik, babesik, aitortzarik?
Jende askok gure alde egin du, izugarrizko laguntza eman digutenak. Haientzako esker ona besterik ez daukagu. Haiei esker oihartzun handia izan zuen Mikelen kasuak, eta iritsi zen gure kexa Madrileraino, eta behartu zuten azkenean Barrionuevo esatera: " Aparecerá, o será encontrado " (Agertuko da edo aurkitua izango da). Badira kontra egin dutenak ere. Instituzioen aldetik, berriz, ezer ez, Glencree-ra deitu gintuzten arte. Guretzat errekonozimenduaren balioa izan zuen hara deitzeak. Ofizialki ez da ezer, baina instituzioak egiten zuen onarpena izan zen, Mikel hil egin zutela aitortuz. Poliki-poliki, aurrera egin du horrek. Nafarroako Parlamentuan egon ginen beste zenbait biktimarekin batera, aurten Gasteizko legebiltzarrean egon gara. Bake eta Bizikidetza Idazkaritzatik gonbidatu gintuzten eta joan ginen. Instituzio batek kasu egiteak asko esan nahi du guretzat. Asko laguntzen dizu.
Nafarroako Parlamentuak Polizia indarkeriaren biktimen legea onartu zuen iazko martxoan, baina Espainiako Gobernuak errekurritu egin zuen abenduan. Aurten, Gasteizko legebiltzarrak ere onartu du gisako legea.
Eta EAEkoa ere errekurritu egin du Espainiako Gobernuak. Errekonozitu beharrean, errekurritu. Ez dute egia azalera ekarri nahi. Ez dakit zer ondorio ekar ditzakeen egia onartzeak. Bestela, ez dakit zertan ari diren errekurtsoak jartzen. Nafarroako Parlamentuak legea onartu zuen, Espainiako Gobernuak errekurritu zuen, eta EAEkoa onartu zutenean, pentsatu genuen: "Ausartuko dira hemen ere berdin egiten? Lehen ere frankismo garaian indarkeria politikoaren biktimak aitortu zituen Eusko Legebiltzarrak. Haren kontra ez zuten egin, hau ere ez dute errekurrituko, ez dira ausartuko…". Bada, bai, ausartu dira, errekurritu dute.
Inoiz jakingo da egia?
Aitortuko dute inoiz egin zutena? Guk ez dugu batere zalantzarik, matizen bat ez bada. Badakigu zein den egia, eta hor daude prentsan argitaratutako konfidentziak eta beste guztiak. Baina hor geratzen dira informazio horiek. Beste urratsik egingo duten ez dakit. Paper klasifikatuak desklasifikatuko dituzte inoiz? Dena da galdera eta zalantza alde horretatik, baina Mikelekin zer gertatu zen kontatuta dago. Bada Mikelen heriotzaren 25. urteurrenean Arkaitz Almorzak prentsan idatzitako erreportajea, dena kontatzen duena. Mikelekin zer gertatu zen badakigu, aitorpena falta da.
Zein egunetan jaio zen Mikel?
Abuztuaren 2an.
Zer izaten da abuztuaren 2an zuen etxean?
Deus ez. Haurrek Mima deitzen zuten, eta haiek esango dute: "Gaur Mima ren urtebetetzea!". Beti aipatzen da. "Gaur urteak egingo zituen!". | news |
argia-9d488fe65bd6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/pobrezia-energetikoa.html | Argindarra merkantzia huts? | Marijo Deogracias | 2016-12-11 | Argindarra merkantzia huts?
Reusen (Katalunia) amona bat hil izanak, argiztatzeko erabiltzen zuen kandelarekin etxeak su hartu ondoren, alarma guztiak piztu ditu pobrezia energetikoaren inguruan. Euskal Herrian nola gaude? Konpainia elektrikoek udalekin eta erakundeekin hitzarmenak sinatu dituzte lehen kolpean argindarra ez mozteko, baina askorentzat ez da nahikoa, zorra kitatzen segitzen dutelako administrazio publikoaren kontura. Petatxuak baino gehiago behar da egoerari aurre egiteko.
Argiaren erreziboa ez ordaintzeagatik argi mozketatik babesten ditu Iberdrolak bere bezero ia guztiak, %99. Urriaren 20an Iberdrolak bidalitako prentsa-oharraren izenburua da. Erakunde publikoekin eta jendea artatzeaz arduratzen den 3. sektorearekin sinatutako akordioei erreferentzia eginez, Euskal Herrian nagusi den argindar konpainiak dio bermatu egiten duela egoera zaurgarrian dauden bere bezeroek argindarra izaten segitzea, "Taldearen Gizartearekiko Ardura politika orokorrarekin bat etorriz". Baina zer gutxiago, ezta? "Kontuan izanik pribatizatutako zerbitzu publikoa kudeatzen duela" eta familiek ordaindu ezin duten dirua bestela ere jasotzen segitzen duela: aurrekontu publikoei esker. Azpimarra Los Martes al Sol Nafarroako komitekoek egin digute. Nafarroan 96.000 lagun daude pobrezia energetikoa jasateko arriskuan; EAEn, 2014an, 235.526 lagunek arazoak izan zituzten hilabete hotzetan etxea tenperatura egokian mantentzeko.
Bilboko Udalak 2015eko urrian sinatu zuen hitzarmena; Gasteizkoak, urte bereko azaroan; Donostiako Udalak aurtengo ekainean eta abuztuan, berriz, Irungoak. Hitzarmen guztien helburua da argindarra ordaintzeko zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrei argia ez moztea. Nafarroan gobernuak sinatu du argindar konpainia nagusiarekin: "Bezeroak ordaintzerik ezin duenean, konpainiak zerbitzua eskaintzen segituko du, erakundeek ordaindu bako fakturen zorrak kitatzeko emergentziazko planak kudeatzen dituzten bitartean". Energia enpresekin sinatu diren hitzarmen guztiek diote gauza bera: pobrezia energetikoari erantzun nahi diete. Soluzio egokia dirudi, lehentasunezkoa etxean bizi direnen bizi-baldintzak era duinean bermatzea baita. Baina, familien egoera ekonomiko geroz eta kaskarragoek petatxuak baino gehiago behar dituzte. "Soluzioa ezin da izan erakunde publikoek beregain hartzea jendearen zorra; energia eskubidea da", Los Martes al Sol kolektibokoek argi daukate.
Natalia Rojo PSE-EEko legebiltzarkideak ere ondo ezagutzen du pobrezia energetikoaren gaia: aurreko legegintzaldian 25 ekimen parlamentario aurkeztu zituen Eusko Legebiltzarrean. Ibilian-ibilian, 2014ko osoko bilkuran adostea lortu zuten Eusko Jaurlaritzari eskatzea behar diren neurriak ezarri zitzala, "saihesteko ezein pertsonari moztu ahal izatea argiaren, uraren edo gasaren hornidura, pertsona horrek frogatzen badu fakturak ezin ordaindu ditzakeela, batez ere eskaera handia dagoen garaietan".
Los Martes al sol kolektiboa:
"Soluzioa ezin da izan erakunde publikoek beregain hartzea jendearen zorra; energia eskubidea da"
Akordio hari esker, 2015ean 200.000 euro jarri zituen Jaurlaritzak pobrezia energetikoan zeuden pertsonei laguntzeko; 2016ko aurrekontuetan 400.000 eurora igo zuen diru-partida. "Hasieratik exijitu genuen partida hori ezin zela Larrialdietarako Gizarte Laguntzen edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren parte izan", dio Rojok: "Argia edo ura ordaintzeko arazo ekonomikoak dituzten familia asko ez dago gizarte laguntzen sisteman sartuta; asko soldata baxua duten familiak dira eta, beraz, ez daukate laguntza sozialak jasotzeko eskubiderik, argia edo ura ordaintzeko diru nahikorik izan ez arren". Hala, laguntza zehatz hori kudeatzeko 3. sektorera jotzea adostu zuten eta Gurutze Gorriak koordinatzen ditu: "Argi ikusi genuen udalek ezin zutela beregain hartu, bestela ere nahikoa gainezka daudelako oinarrizko gizarte laguntzaileak eta, gainera, premia hori daukaten pertsonak ez daude eurek darabilten laguntza sistemen datu basean".
Gurutze Gorriak jarraipena egiten die laguntza-jasotzaileei eta konpromisoa sinarazten die eskatzaileei "kontsumo-ohiturak aldatzeko taldekako formakuntza saioetan parte har dezaten eta bestelako laguntza-bideak ere eskainiz", azaldu digu Euskadiko Gurutze Gorriko koordinadore Aitor Allendek. Berak eman dizkigu EAEri dagozkion datuak: 2015ean 427 familia artatu zituzten; 2016an, dagoeneko, 1.341 familiari lagundu diete argirik gabe gera ez daitezen (Bizkaian, 599; Gipuzkoan, 395; Araban, 347). Jaurlaritzak jarritako diru-partidaren %98 erabili dute jadanik, "baina beharrezkoa bada, erakundeak aurreratuko du dirua". Gurutze Gorriak hartzen ditu beregain Iberdrola konpainiarekin egin beharreko tramite guztiak.
Lege bat energia-eskubidea bermatzeko
Pobrezia energetikoari aurre egiteko EAEko eta Nafarroako erakundeek onartutako laguntzez gainera, Espainiako Gobernuak 2009an bono soziala deiturikoa arautu zuen. Era horretan, hiru kW-eko potentzia baino txikiagoa kontratatuta dutenek, 60 urtetik gorako pentsiodunek, familia ugariek edo kide guztiak langabezian dituzten familia-unitateek argindarraren fakturan %25eko beherapena aplikatzeko eskaria egin ahal dute. Baina, hori ere, aldi baterako soluzioa da.
Hori dela eta, lege bat beharko litzatekeela diote gaia landu duten guztiek, energia-eskubidea bermatuta egon dadin. Rojo legebiltzarkideak bezala, Israel González Los Martes al Sol kolektiboko kideak ere lege baten premia azpimarratu du. Maiatzean lege proposamena aurkeztu zioten Nafarroako Parlamentuari: "Energiara sarbidea izatea eskubidea da eta gaur egun ez dago bermatuta. Ezin dugu ahaztu egungo egoerara energiaren zerbitzu publikoen pribatizazioak ekarri gaituela. Diru asko irabazteko negozio pribatu bihurtu zituzten eta erabat blindatuta dagoen sektorea da".
Izan ere, argi eta gas konpainiek udal eta gobernuekin akordioak sinatu dituzten arren, zorra kitatzen segitzen dute: gobernuek aurreratzen dute diru hori, bai Gurutze Gorriaren laguntzarekin, bai udalen eta bestelako erakundeenarekin. Nafarroan hitzartutakoari jarraituz, esaterako, energia konpainiak hiru hilabetean argindarra ez mozteko konpromisoa hartu du eta eskubide sozialen sailak hartu du beregain argindar gastua denbora horretan: 2016an emergentziazko planetarako bi milioi euroko aurrekontua onartu zuen Nafarroako Gobernuak; beraz, Gonzálezek azpimarratu bezala, "energia enpresek ez diote dirua irabazteari uzten".
Arartekoak ere pobrezia energetikoari aurre egiteko neurri zehatzak bilduko dituen estrategia osatzeko gomendioa eman zuen urtarrilean. Euskadiko energia-pobretasunari buruzko gizarte-eztabaidarako oinarriak dokumentuak, besteak beste, energia-pobretasunaren aurkako euskal estrategia finkatzea, eta Eusko Jaurlaritzari "zaurgarritzat eta energia-pobretasuna jasan dezaketen pertsonatzat jotzeko baldintzak betetzen dituzten pertsona edo etxeen definizioa ezartzeko legea" osatzea aholkatu zuen. | news |
argia-2c4e244e3756 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/bizitzak-ez-du-ezer-balio.html | Bizitzak ez du ezer balio | Alejandra Goikoetxea | 2016-12-11 | Bizitzak ez du ezer balio
Azaroaren 4an, Elorrioko Arriola Antzokian eskainitako emanaldia.
Aktoreak: Dorleta Urretabizkaia, Klara Badiola, Aitziber Garmendia, Amaia Irazabal eta Iñake Irastorza.
Ekoizpena: Ados Teatroa.
Players for the stolen nobelaren egokitzapena da.
Gidoia eta zuzendaritza: Garbi Losada.
Gizonik gabeko lurralde batean bizitzea, ametsik gabeko gau batean lo egitea modukoa dela dio Ladydi Garcia Martinezek bere kontakizunean. Bizitzak ez omen du ezer balio, ez behintzat Ladydi eta bere ama bizi diren Mexikoko Guerrero estatuko herrixka honetan. Beldurrez, narkoek herriko neska politenak noiz bahitu eta eramango dituen, bizi da neskato mexikarra, 10 urte bete ostean eskolara mutilez jantzita joan behar duen umeak.
Aktoreak taularatu orduko, emakume ahots baten melodia gozoak Mexikora gerturatzen du ikuslea. Iluna da taula gaineko dekoratua, Aitziber Garmendia aktoreak antzeztutako Ladydi 12 urteko neskatoaren bizimoduaren parekoa. Hasierako iluntasuna burdin hotsak hautsi du Elorrioko Arriola Antzokian.
Istorio indartsua eta gordina, hasieratik bukaerara sorpresaz betetakoa. Iñake Irastortzak antzeztutako ama kementsua, eta protagonistaren hauspo izango diren kide zoro, desesperatu, samindu, gogor eta alaiek bukaerarako ikuslearen begirunea eta miresmena lapurtuko dituzte. Ederra da gutako askorentzat entzuna den "heriotzaren trena" edota "la bestia" izena duen trenaren bizipenak Amaia Irazabalek antzeztutako Lunaren ahotik entzutea. Baita berarekin batera, miseria eta gosea atzean laga, eta AEBetara iristean zoriontasuna lortzearekin amestea ere. Gogorra aldiz, amets horrekin batera norberaren zati bat ere bidean geratzen dela ikustea.
Gizonezkoen ausentzia nabarmena da antzeztokian, Garciatarren etxean eta Guerreroko herrixkan legez. Istorioan gertatzen den moduan taula gainetik ere gizonezkoek mugaz beste aldera ihes egin dutela dirudi, bizitza hobe baten bila, narkotrafikotik eta bizitza galtzeko arriskutik urrun. Ausentzia horrek indarra ematen dio Jennifer Clementen Prayers for stolen nobelan oinarrituta eraikitako ikuskizunari, emakumeen bizipenak gertuago bizi baititu modu horretan ikusleak.
Antzezlana bukatu eta antzokian bildutakoen txalo zaparradaren ostean, hausnarketarako abagunea zabaldu da. Euskara hutseko antzerki honek ikuslea AEBetako mugara eramaten du, mexikar doinuko erreferentzia bakanekin eta lekuan kokatzeko beste faktore guztiak egoki erabiliz. Fikziotik eta errealitatetik zenbat daukan ez jakin arren, narkotrafikoa, emakumeen arteko elkartasuna, haur lapurtuen afera, mugaraino eramandako txirotasuna… gertutik ezagutzeko aukera ederra eskaintzen dio ikusleari. | news |
argia-78694dba8a02 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/edozein-herriko-jaixetan.html | Edozein herriko jaixetan | Jose Ignazio Ansorena | 2016-12-11 | Edozein herriko jaixetan
Sukalde jai berezia antolatu du Donostia 2016k. Janari oso pikantearen eguna. Laurogei mila arrazio banatu dira: txorizo pintxoak, baratxuri-zopa eta kokotxak. Donostiako Alderdi Ederren paretik pasatu den orok probatu behar izan du. Inguruetako etxeetan ere, txirrina jo eta bertan zeuden guztiei janarazi diete. Berdin da alergia izan, ohean gaixorik egon edo gustukoa ote zuten ere. Por cojones!
Horrelakorik, egia, ez du antolatu Donostia 2016k. Musika edo zarataren alorrean, aldiz, oso antzekoak behin eta birritan: zarataren inposizioa. Eta ez eurek bakarrik, ustez kultura hedatzeko sortutako erakunde, elkarte eta enpresa askok etengabe edozein herriko jaixetan .
* * *
Unibertsitatean ikasle hasi nintzenean, irakasle askok erretzen zuten eskola eman bitartean, Aurrerakoiek ikasleei ere uzten zieten hori egiten. Atzerakoiek ez.
Urte haietan unibertsitateko ikasleen batzar bizi eta sutsuek libertatearen aldeko garrasia zabaltzen zuten kolore desberdinez, gorri, berde, urdinxka edo morez, beti ozen. Haietako askotan aipatu nuen gure geletako ke kontzentrazio horrek kalte egiten zidala, eztarria txartu eta begiak gorritu. Buuu handiak besterik ez nituen jasotzen. Gelan erretzea "libertate seinale" baitzen. Horretan gorriak, berdeak, moreak eta urdinak bat zetozen.
Erretzaile haietatik bizirik geratu diren gehienek ez dute egun erretzen eta ez lukete horrelakorik onartuko. Areago, euren bilobak doazen eskola edo unibertsitateetan antzekorik gertatuko balitz, salatu egingo lukete. Baina zarataren alorrean onartu egiten da. Edozein herriko jaixetan , ekitaldi politikoetan, lasterketak direla, hondartzako futbola, etxe azpiko tabernariaren lehengusuari almorrana sendatu zaiola… Burrunba etengabea.
* * *
Berriro tabakoaren segida bera gertatuko da. Urte batzuk barru azterketa zientifikoek erakutsiko dute era ukaezinez zarataren ugaltzea zein kaltegarria den. Eta batez ere batzuek kontuak aterako dituzte eta jabetuko dira ez zaiela errentagarri gertatzen tolerantzia hau: boteretsuentzat zaratak babuak eta pentsamendua aplakatzeko duen balioa interesgarria bada ere, buru kalteak eta gorreriak konpontzeko diru gehiegi xahutzen dutela. Eta kanpaina luze, errepikakor eta plasta hasiko dute puzkerrak ere zaratarik gabe bota ditzagun.
Humanoak txoropitoak garelako gertatzen dira kontu hauek. Gure agintariak ere oso humanoak izan eta beldurrez bizi ohi dira euren publikoak buuu egingo ote dien. Horregatik oraindik kulunkatu egiten dira zaratan.
Hurrengo berraragiztatzean ez dut humanoa izan nahi. Igeldoko igela nahiago. | news |
argia-dbd5ece8c2c3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/mozal-legea-indargabetzeko-eskatu-du-espainiako-kongresuak-bigarren-aldiz.html | Mozal Legea indargabetzeko eskatu du Espainiako Kongresuak bigarren aldiz | Ainhoa Bretos | 2016-11-30 | Mozal Legea indargabetzeko eskatu du Espainiako Kongresuak bigarren aldiz
Mozal Legea indargabetzeko onetsi den bigarren mozioa da PSOEk azaroaren 29an agertu duena. Legez besteko mozioa ontzat emateak, ez du lege aldetik ondorio zuzenik izango. 2016ko apirilean ere hura atzera botatzeko proposamena aurkeztu zuen ERCk. Alderdi horren bozeramaile Gabriel Rufianen esanetan, Segurtasun Indarrei "esku hartzeko eta erabakiak hartzeko botere handiegia" ematen dielako, "berme judiziala baztertuz".
Proposamen hori onartu egin zuten Espainiako Kongresuan. Hala ere, indarrean jarraitzen du legeak, eta ontzat eman dute berriz ere hura ezeztatzeko mozioa.
PSOEko Antonio Trevinen ustez, oinarrizko eskubideak garatzea "oztopatzen" du Mozal Legeak. Ezartzen diren zigorretan proportzionaltasuna mantendu behar dela azaldu du, eta oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatzen dituen arautegi berri baten alde agertu da.
Mozioaren alde bozkatu dute Elkarrekin Ahal Dugu, EAJ, EH Bildu, ERC, PSOE eta PDC alderdiek. Abstenitu egin da Ciudadanos, eta kontra azaldu dira Foro Asturias eta PP.
Azken horrek Mozal Legea "terrorismo mehatxua"-ri aurre egiteko "beharrezkoa" dela adierazi du, eta "Espainiako Estatuan herritar guztien eskubide eta askatasunak bermatuta daudela dagoeneko".
PDLI kazetarien elkarteak itxurakeria salatu du
Informazio Askatasunaren Defentsarako Plataformaren ustez (PDLI gaztelaniazko sigletan), mozioa "itxurakeria hutsa" da, ez baitu Mozal Legea indargabetzea bermatzen. Espainiako Kongresuko taldeek hura deuseztatzeko Lege Proposamen bat sinatzen ez duten arte, Mozal Legeak indarrean jarraituko duela azaldu du kazetarien elkarteak.
Mozal Legea aplikatu zaien hainbat kazetariri jarritako isunak bertan behera uzteko eskatu du, Axier Lopez ARGIAko kazetariarena kasu. | news |
argia-3bdb5b6c1331 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/administrazioa-euskalduntzen.html | Barraskiloaren abiadura ulertzeko aztarnak | Onintza Irureta Azkune | 2016-12-11 | Barraskiloaren abiadura ulertzeko aztarnak
Herri administrazioak euskalduntzeak bi gauza esan nahi ditu, bata herritarrei zerbitzua euskaraz bermatzea, eta bestea, administrazio horietan lan hizkuntza euskara izatea. Bi alorretan dago bide luzea egiteko. Euskalduntzea bideratzeko neurriak hartuta daude, Eusko Jaurlaritzaren ustez egokiak dira, euskalgintzak berriz dio motelegi goazela. Abiadura apala izatea eragiten duten hainbat gako aztertu ditugu erreportaje honetan. Eusko Jaurlaritzak duela hilabete batzuk aurkeztu duen hizkuntza eskakizunen asignazio sistema berrikusteko proposamena ere azalduko dugu.
"Noiz euskaldunduko da administrazioa?", galdetu zuen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Euskal Herriko hiru administrazioetako hizkuntza politikak aztertu zituen 2010eko txostenean. "Noiz?" galdetzen zuen, helmuga orokorrik ez dagoelako zehaztuta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) ez duelako ezarrita noraino heldu nahi duen euskalduntzean.
Bost urteko plangintzaldiak egiten dira, 2017 amaitu arte izango dena bosgarrena da. Plangintzaldiaren erdibidean eta amaieran, ezarritako helburuak zein neurritan bete diren ebaluatzen da. Euskalgintzako hainbat sektorek behin baino gehiagotan adierazi du hori ez dela administrazioaren euskalduntzea neurtzeko bidea, ez duela balio, helmuga nagusirik jarri gabe, tartekako ebaluaketetan gelditzeak. Ebaluaketa horien arabera, emaitzak beti dira positiboak, beti da administrazioa aurreko bizpahiru urteetan baino euskaldunagoa, euskalduntzeko tarte handia du. HPSk dio progresibotasunez euskaldundu behar dela herri administrazioa, haren erritmoa motelegia dela diotenek ez dute ukatzen pausoka-pausoka joatea, baina ez dute uste zentzurik duenik helmuga non dagoen ez jakiteak. Orain goazen erritmoan, EAEko herritar guztiei zerbitzua euskaraz eskaintzea lortu ahal izateko ehun bat urte beharko lirateke.
Administrazioa euskalduntzea eragozten duten zortzi gako
Gehiago ere badira, jakina, ezin da halako prozesu konplexua zortzi argazkitan laburtu. Ondoko lerroetan bildu ditugunek administrazioa euskalduntzeko oinarri nagusietakoa den hizkuntza eskakizunen asignazio sistemarekin eta derrigorrezko datarekin dute zerikusia. Derrigorrezko datak adierazten du halako lanpostuk hizkuntza eskakizuna noizko egiaztatu behar duen, beti ez baita derrigorra langileak lanpostua lortzerako hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izatea, lanean ari dela egiaztatu dezake behar duen euskara maila. Euskalgintzak urte luzez mahai gainean jarri ditu sistema horri buruzko kritikak. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak horietako batzuekin bat egiten du, gero ikusiko dugun moduan. Ondoren, zortzi argazkitan, erradiografia kritikoa azalduko dugu:
Sestaoko eta Ondarroako herritarrek ez dituzte eskubide berak
Teorian bai, baina praktikan ez. Esate baterako, herri bateko eta besteko bizilagunek udalarengandik zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea daukate, baina Ondarroakoak, proportzioan, aukera gehiago ditu euskaraz artatua izateko, Sestaokoak baino. Zergatik? Bada, hizkuntza eskakizunak egiaztatu behar dituzten lanpostuen kopuruak herri horretako datu soziolinguistikoen arabera kalkulatzen direlako, alegia, euskara dakitenen kopurua gehi ia euskaldunen erdia hartzen da kontuan. Herria zenbat eta euskaldunago, administrazioan are langile gehiagori eskatuko zaie euskara mailaren bat.
Lanpostuen %44k ez dauka hizkuntza eskakizunaren beharrik
Lanpostu guztiek ezarria dute zein hizkuntza eskakizun (1, 2, 3 edo 4.a) dagokien, baina horrek ez du esan nahi denek egiaztagiria behar dutenik. Langileen %56k lanpostua lortzeko edo lanpostuan hasi eta denbora jakin batera derrigor egiaztatu behar du dagokion hizkuntza eskakizuna. Langileak hizkuntza maila lortzen ez badu litekeena da lekualdaketak edo lan aldaketak izatea, baina ez du lanpostua galduko. Egiaztagiria izatea derrigorra ez denean merezimenduzkoa da euskara jakitea.
Etxeko laguntzaileak 1. hizkuntza eskakizuna?
Lanpostuak dituen funtzio komunikatiboak eta lanpostu horretarako eskatu den euskara maila sarri ez datoz bat. Adibidez, atezainak edo etxeko laguntzaileak 1. hizkuntza eskakizuna du ezarrita. Agian, idatziz ez du maila goragokorik behar, baina jakina da hizkuntza eskakizun horrekin euskaraz hitz egiteko gaitasunik ez duela. Batzuetan lanpostuak euskara maila hobea beharko lukeela ondorioztatzen da, eta beste batzuetan maila baxuago bat nahikoa dela.
Langile euskaldunak bai, baina euskaraz ari al dira lanean?
Administrazioko langile asko lanpostua lortu eta gero euskaldundu dira. Euskaltegian orduak eta orduak eman dituzte. Administrazioak hartu du horiek euskalduntzeko lana (hori ere bada beste kritika bat: zergatik ez dira zuzenean hizkuntza eskakizuna duten langileak kontratatzen, gero euskalduntzen ibili beharrean?). Langilea euskalduna izateak ordea ez du bermatu euskaraz lan egitea. Langileok lan giro eta lan zirkuitu erdaldunak aurkitu dituzte, sarri gaztelaniaz egin dute ahoz eta idatziz. Ikasitako euskara ez dute praktikan jarri. Euskalgintzaren galdera errepikatuenetako bat da hau: Zertarako balio du langileak euskalduntzea, gaztelaniaz idatzi eta hitz egingo badute lantokian?
45 urtetik gorakoak salbuetsita daude
Adina da irizpidea. 45 urtetik gorakoek ez daukate inolako hizkuntza eskakizunik egiaztatu beharrik. 45 urte baino gehiago dituen langileak lortu duen postuak hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko data iraungita balu, langile horrek ezin izanen luke postua eskuratu. Iraungi gabe balu eta egiaztatze data bitartean 45 urte beteko balitu, salbuetsita geratuko litzateke. 23. orrialdean dagoen infografian ikusiko duzuen bezala, euskara mailaren bat egiaztatzea derrigorrezkoa duten lanpostuen %7'8, hau da, 23.439 lanpostutatik 1.718 salbuetsita daude.
Plaza duenak beste lanpostu batera alde egin badu?
Eman dezagun lanpostu batek derrigorra duela hizkuntza eskakizunen bat. Langileak egiaztatua du titulu hori. Behin-behinean ordea, lanpostua utzi du. Bada, haren ordez etorri den langileak, ordezkoa denez, ez dauka aurreko lankidearen hizkuntza eskakizuna egiaztatu beharrik. Langileak eskubidea du lanpostua behin-behinean uzteko, baina horrela herritarraren eskubideak urra daitezke, langile berria erdalduna izan daitekeelako.
Ez da gauza bera zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza
Gauza bat da udalek, foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak... herritarrak euskaraz artatzeko gaitasuna izatea, eta beste bat, erakunde horiek guztiek etxe barruan, idatziz eta ahoz zein hizkuntzatan egiten duten lan. Zerbitzu hizkuntzan zuloak daude oraindik, eta lan hizkuntzan are zulo gehiago. Parekatzea ezinezkoa bada ere, hona adibide bat: herritarrek ahozko harremana euskaraz eskatutakoan %78,7ri hala erantzuteko gaitasuna du administrazioak. Aldiz, administrazioetako lantokietako lan bilerak hartzen baditugu kontuan, bileren %51,3 da euskaraz.
Eta ordezkari politikoek ez badakite euskaraz?
Ez baitute derrigorrez euskara jakin behar ordezkari politikoek. Borondatearen araberakoa da hizkuntzarena. Haiek harreman zuzenak dituzte herri administrazioekin, ahozkoak eta idatzizkoak. Euskaraz ez badakite, hizkuntza horretan harremanak asko zailtzen dira. ARGIAn ordezkari politikoen hizkuntza gaitasunez argitaratu genuen artikuluan (2.485. zbk. 2015-11-29), 2012tik 2016ra arteko Legebiltzarreko ordezkarien hizkuntza gaitasunaz hitz egin genuen. 75 legebiltzarkideetatik 25ek ez zekiten euskaraz eta 11k erdizka.
Zer proposatu du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak?
Hizkuntza eskakizunen esleipenerako irizpideak bateratzeko eta baloratzeko proposamena egin du HPSk eta 2017an luzatuko da gaiari buruzko gogoeta HAKOBAn (Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiak, hiru hiriburuetako udalak, EUDEL eta UEMA). Zer esan nahi du horrek? HPSk dio lanpostuaren eta ezarritako hizkuntza mailaren artean disfuntzioak edo inkoherentziak sortu direla urteen poderioz. Funtzio komunikatibo bertsuko lanpostuetan hizkuntza eskakizun desberdinak aurki daitezke gaur egun. Patxi Baztarrika HPSko orain arteko sailburuordeak emandako pare bat adibide erabiliko ditugu egoera hobeto ulertzeko: unibertsitate irakaslea eta administrari laguntzailea, biak, 3. hizkuntza eskakizunarekin aurki daitezke edo lanpostu berean hiru hizkuntza eskakizun (lanpostuaren eta hizkuntza eskakizunaren arteko lotura administrazioak berak egiten du. Alegia, udal batek lanpostu bati hizkuntza eskakizun bat ezar diezaioke eta alboko udalak lanpostu berari beste bat).
Esleipenak berrantolatzeko herri administrazioetako lanpostuak 42 multzotan bildu dituzte, haien funtzio komunikatibo nagusien arabera (hamaika administrazio aztertu dituzte, besteak beste, EAEko administrazio orokorra, udalak, foru aldundiak, EHU, eusko legebiltzarra eta Arartekoa). Funtzio komunikatibo horiek oinarrian hartuta proposamen bat egin du HPSk. Proposamen horren arabera, administrazioko lanpostu bat betetzeko edo lanpostu horretan jarduteko eskatzen den gutxieneko euskara gaitasuna izango da lanpostu horretarako eskatzen den formazio akademikoa euskaraz osorik edo zati handienean egiteagatik aitortzen den euskara gaitasun bera. Beste modu batez esanda, Zuzenbidea euskaraz ikasi duen herritarrari C1 (3. HE) maila aitortzen bazaio, administrazioan C1 eskatuko litzaioke. Irizpide nagusia litzateke, zeren lanpostuaren funtzio komunikatiboen arabera 4. hizkuntza eskakizuna ere eska dakioke, adibidez, langile hori epaitegietako auzibideetako abokatua bada, trebetasun handiagoa beharko bailuke ahoz eta idatziz.
Goragoko titulua baino, praktika gehiago
Eragozpenen zerrendan aipatu dugu, sarri esan dela euskara titulua duenak lanpostuan euskara erabiltzeko gaitasunik duenik ez duela esan nahi, are gutxiago lantokian trebatzeko aukerarik ez badu, lanean gaztelaniaz egiten delako. HPSren proposamenean aitortzen da lanean euskaraz aritzeko gaitasuna beti ez dela konpontzen hizkuntza eskakizun altuagoa eskatuta. Hots, 3.aren ordez 4.a eskatzea ez da beti irtenbidea. Zein da beraz HPSren proposamena? Bada, hizkuntza prestakuntzan eragitea, alegia, langileak haien zereginetarako bereziki prestatzea. HPSren ustez, hizkuntza erabiliz ikasten da eta trebatzen da.
Atezainak zenbat euskara jakin behar du idatziz, eta zenbat ahoz?
Eta aguazilak, begiraleak, etxeko laguntzaileak? HPSk egiten duen hausnarketaren arabera, aukera bat izan daiteke lanpostu batzuetarako hizkuntza eskakizun bateko trebetasun batzuk (irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena dira lau trebetasunak) eta beste hizkuntza eskakizun bateko trebetasunak eskatzea. Dantza irakaslearen adibidea jartzen du. Agian, ahoz 3. HE behar du eta idatziz nahikoa du 2. HE. Atezainari berriz, beharbada, 2. HE eskatu behar zaio mintzamenean eta idazmenean nahikoa du 1. HE.
Eztabaidarako proposamena mahai gainean du Eusko Jaurlaritzak. Hizkuntza eskakizunen asignaziorako irizpideak baloratzea, bateratzea eta finkatzea da helburua. Asignazio sistema administrazioa euskalduntzeko oinarri garrantzitsuenetakotzat du HPSk. Alabaina, berrikusketa prozesu horretan ez dira hausnartuko erreportaje honetan aipatu diren beste hainbat alor, hala nola, ea derrigor hizkuntza eskakizuna behar duten lanpostu kopurua gehitu behar den ala ez, alegia, indize soziolinguistikoen araberako hizkuntza eskakizun egiaztatze kopuruak aldatuko diren ala ez. Eta ez da hitz egingo hizkuntza eskakizuna lortzeaz salbuetsita dauden 45 urtetik gorakoez, edo salbuespenik gabe inolako euskara egiaztagiriren beharrik ez duten ordezkari politikoez. | news |
argia-e982940e4b58 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/mizpira-ezin-sudurretik-kendu.html | Mizpira ezin sudurretik kendu | Jakoba Errekondo | 2016-12-11 | Mizpira ezin sudurretik kendu
Mespilus germanica mizpirari tiraka segitzeko asmotan nauzu. Umetatik nire arreta erakarri izan duen fruitua da mizpira. Txakurraren atzetik eskopeta kanoi paralelo bikoa aurrera luzatuta zeraman aitonaren atzetik ibiltzen nintzenean, jeneralean oilagorretara joanda, erreka zulo sastrakatsu batetik ezin aurrera egin eta aurrerabidea moldatu nahian goraxeagotik abiatu eta koxkaren bizkarrean hara, danba, topo berarekin. Basoaren zilborrean hantxe, mizpirondo ikaragarri bat zabal-zabal hedatua.
Ehiztariak beti zorroa aldean, eta ordurako lurrean ziren mizpira gainumotuak bildu egin behar. Haiek zorrora biltzen eta arbolape hartan zegoen usaina ezaguna baina sailkaezina zitzaidan. Ehiza txakurraren sudur mintzak alferrik izango zuen mizpiraren usain hura, nireak oilagorrarena bezalaxe. Halako batean txirikordatu nituen, egoera, fruitua eta arbola eta nire usaimenaren memoriaren altzoan ostatu eman. Orduantxe, umetan, sagardoa zer zen ikasten hasi berria eta hartzitzen ari zen sagar muztio haren usain bertsua mizpirondoaren inguruan. Fruituaren azukrea alkohol bihurtzen ari den hartzidura. Sagarraren muztioak irakin egiten du barrikan; mizpiraren mami bigunak alean bertan, bere azalaren mugetan. Mazerazio edo beratze karbonikoa egiten duten mahatsen tankeratsu hartzitzen da mizpira, mamia usteldu ordez gainumotuz. Umotze horren perfumea lurrindu egiten da, azalaz beste. Eta ume mokoaren sudur mintzetan betiko txertatu.
Gaur baino sudur mintz guriagoak eta pituitario zorrotzagoa nituen orduan, baina usain hark memoriaren apalategitik ez du alde egiten. Nahita ere berehalakoan galduko ez ditudan oroigarri horietako bat dela iruditzen zait. Etxeko atari aurrean ditudan mizpirondoen udazken aldeko usain hau ez daukat saltzeko.
Bateren bati bururatu zitzaion ba, baso gorrian elorri zuri hura ( Crataegus spp ) txertatu behar zuela; eta pentsatu eta hurrengo txerto sasoian joan eta egin.
Mizpiraren hartzigarri usaintsu horiek sagardoari eranstea burutik pasatu ba niri. Eta baita egin ere. Sagardoari eta sagardo ozpinari mizpira ttantta. Ummm... Nahi duenak proba dezala edozein konfituratan, konpotatan, ezti-uretan... | news |
argia-b22d007c8405 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/ignacio-escolar-kazetaria.html | "Ez ditut errespetatzen gezurretan aritzen diren hedabideak" | Unai Brea | 2016-12-11 | "Ez ditut errespetatzen gezurretan aritzen diren hedabideak"
Ignacio Escolar (Burgos, Espainia, 1975) oso gazte hasi zen kazetaritzan, hainbat hedabide handitan kolaboratuz. Público egunkariaren sortzaileetakoa izan zen, baita lehenbiziko zuzendaria ere, 2007tik 2009ra. Público-rekin harremana eten eta gero, eldiario.es egunkari digitala sortu zuen 2012an, eta hura zuzentzen du harrezkeroztik. Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean elkartu gara harekin, jendetza baten aurrean kazetaritzaren argi eta ilunez eskainitako hitzaldiaren ostean.
"Kazetaritza konprometitua krisi garaietan" izeneko hitzaldia eman berri duzu. Konpromisoa definitu dezagun, lehenik.
Kazetaritza konprometitua esamoldea neurri batean erredundantea dela uste dut, kazetaritzak berez behar duelako konprometitua. Beraz, definitu dezadan kazetaritza: horretarako, bat egingo dut Marty Baron, Washington Post -eko zuzendariarekin. Hark esaten du kazetaritza botereari kontuak eskatzea dela, eta nik ere hala pentsatzen dut. Kontra-boterea izatea da kazetaritzaren zeregina, boteredunak kontrolatzea gizartearen zerbitzurako, abusurik egin ez dadin lagunduz. Ez dut sinesten kazetari militantean, kausa baten alde ari den kazetarian, kazetari baten konpromiso nagusia ez delako kausa batekin, egiarekin baizik.
Zure erantzunak beste definizio batzuk eskatzera narama. Lehenbizikoa: boterea.
Botereak bi aurpegi ditu batez ere: politikoa eta ekonomikoa. Erraz aurkitzen da, argi dago non dagoen. Boteredunak dira legeak aldatzeko gaitasuna dutenak, Justizian eragin dezaketenak, epaileak eurak…
Hitzaldian esan duzu hedabideak ere boterea direla, eta horregatik eldiario.es-ek beste medioez informatzen duela.
Jakina. Gure irizpideetako bat da ez dugula betetzen lanbide honen arau zahar bat: "txakurrak ez txakurrik jaten". Kazetaritzaz eta hedabideez informatzen dugu boterea direlako. Eta batez ere, gertatzen diren gauzetako asko ezin direlako ulertu hedabideek nola funtzionatzen duten ulertu gabe. PSOEn oraindik orain izandako krisia ez dago guztiz ulertzerik Rubalcaba El País -eko eta Felipe González Prisa taldeko kontseilariak direla jakin ezean.
Egia bilatzea aipatu duzu. Horra hirugarren definizioa, eta zailena: egia. Kazetaritzari eta objektibotasunari buruzko eztabaida zaharra dago muinean.
Arazoa da objektibotasunaren aitzakiarekin abusu handiak ezkutatzen direla. Beti erabiltzen dudan adibidea hau da: manifestazio batera bazoaz eta esaten baduzu "antolatzaileen esanetan 50.000 lagun bildu badira eta poliziaren esanetan 3.000" objektibotasunaren ohiko irizpideen arabera jokatzen ari zara: ez duzu bakar baten alde egin, iturri guztien bertsioa eman duzu, e.a. Baina badituzu bi begi eta metro-soka bat. Neurketa egin dezakezu, eta metro koadro batean zenbat jende sar daitekeen jakiteko ez da ingeniaria izan behar. Hori zintzo jokatzea da. Objektibotasuna ez da bi aldeen bertsioa ematea, egia esatea baizik; batzuetan egia hori ezagutzea ez dago gure esku, baina beste batzuetan bai, beste batzuetan egiaztatu egin daiteke, metodo zientifiko bat erabiliz: kazetaritza. Badago teknika bat horretarako.
"Espainiako prentsan negozio eredua amildu egin da, eta berarekin eraman du independentzia"
Haatik, hedabideetan esaten diren gauza asko ez dira teknikoki egiaztagarriak, eta bai, ordea, aurretiazko posizio baten ondoriozkoak.
Hala da iritziaren kasuan, eta nik gainera uste dut iritzia datuetan oinarritu behar dela. Edozein kasutan, informazioaren kasuan ezin da hala jokatu. Informazioari dagokionez, gakoa ez da objektibotasuna, fokua baizik. Horretarako ez dago irizpide teknikorik: zer den garrantzitsua eta zer ez den erabakitzea da kontua. Hori da ildo editoriala: lupa zeri begira jarriko duzun erabakitzea. Gero, gerta daiteke begiratzen ari zaren hori desitxuratu eta zuzenean gezurra esatea. Nik defendatu egiten ditut etxegabetuez baino burtsaz hitz egitea garrantzitsuagoa dela zintzoki erabaki duten hedabideak; irizpide editorial bat da, argia, gardena… Baina ez ditut errespetatzen gezurretan aritzen diren hedabideak, eta batzuek egin egiten dute. Ez beti, ez albiste guztietan, baina bai maiz.
Panorama hori ikusita eldiario.es sortzea ezinbestekoa izan zela esango didazu orain.
Eldiario.es sortu genuen uste genuelako gure lana erabateko independentzia bermearekin egiteko modu bakarra izango zela. Konturatu nintzenean egunkari batean agintzen duena ez dela zuzendaria, ugazaba baizik, eldiario.es sortu behar zela erabaki nuen. Eta erabaki nuen egunkari berri horren jabeak kazetariak izango ginela. Azken urteetan lortutakoak (irabaziak ditugu, hamabi pertsonako erredakziotik 72kora igaro gara…) frogatzen du asmatu egin genuela.
Hedabide independentea zaretela aldarrikatu duzu. Nola neurtzen da independentzia?
Lau irizpideren arabera: hedabideak dirua irabazten duen ala ez, zorrak dituen ala ez, jabea nor den, eta soldatak ordaintzeko dirua nondik ateratzen duen. Lau parametro horiek aztertuta ohartzen zara Espainian prentsak dituen arazoez. Jabetzari dagokionez, ia hedabide guztiak banketxeen esku daude oraintxe. Zorpetuta daude, eta iragarle handiekiko eta alderdi politikoek kontrolatzen dituzten erakunde publikoekiko menpekotasun handia dute. Azkenik, ez dute errentagarritasunik, galerak dituzte. Eta egunkari batek galerak baditu, nork ordaintzen du? Irakurleek? Edo irakurleak beste bide batzuetatik gastuak berdintzeko tresna bihurtzen dira? Gu independenteak gara erredakzioaren jabeak garelako, dirua irabazten dugulako, batez ere irakurleez bizi garelako eta ez dugulako zorrik. Tira, horrek ez digu ziurtatzen independente izatea, hori guztia edukita ere aurreiritzien arabera jokatu eta hanka sar daiteke-eta, baina behintzat erratzeko tartetxo bat badugu.
"Libre izateko gutxieneko baldintza batzuk bete behar dira, eta hori, lanbide honetan, kazetarien soldatak ordaindu ahal izatea da"
Aldiro zuen diru-kontuen eta barne-prozesuen, kontratazioen... berri ematea erabaki duzue, neurri batean behintzat. Behin ondo azalduta oso naturala da. "Nolatan ez dute denek egiten?" galdera sortzen da berehala.
Uste dut hedabide askok ez dutela egiten euren kontuak ez direlako erakusteko modukoak. Guk esan dezakegu erredakzioko soldaten erlazioa 1-3koa dela, bekadunei ordaindu egiten diegula eta egun erdiz dihardutela tutore batekin… Irudikatu hori erredakzio askotan; soldata handienaren eta txikienaren arteko erlazioa 1-100ekoa da, jabea ez dakit zein banku da, bekadunen lan baldintzak direnak dira… Hala dabiltza Espainiako erredakzio askotan, nola izango dira gardenak? Guk erabaki dugu irakurleek gugan konfiantza izateko modu bakarra nolakoak garen azaltzea dela. Eta hori oso garrantzitsua da. Konfiantzarik ez badute, ezin diezu eskatu berez doakoa den hedabide baten truke ordaintzea, eta horixe da gure kasua.
Etorkizunean paperezko prentsak gaur binilozko diskoek dutenaren antzeko rola jokatuko duela esan duzu.
Epe luzean bai. Izan ere, hedabide digital batek papereko egunkari batek egiten duen gauza bera egin dezake, baina hobeto eta merkeago. Gastuak askoz txikiagoak dira, eta informazioa uneoro eguneratu dezakezu, ez egunean behin bakarrik. Telebistak azkenean ez zuen hil irratiko izarra, telebista eta irratia osagarriak baitira, ez bata bestearen ordezkatzaile. Ezin da telebista ikusi autoa gidatzen den bitartean, edo dutxan. Eta irratian eta telebistan ezin duzu atzera jo albiste jakin bat bilatzeko, egunkarietan bezala. Aldiz, papereko egunkari batekin egin daitekeen guztia digital batekin ere egin daiteke. Paperari geratzen zaion atributu bereizgarri bakarra sentimentala da: papera ukitzea eta tabernan garagardo batekin batera irakurtzea gustuko dugu. Baina ez du ezer berezirik funtzionalitateari dagokionez, horregatik izango da ordezkatua.
"Konturatu nintzenean egunkari batean ez duela zuzendariak agintzen, jabeak baizik, eldiario.es sortzea erabaki nuen"
Informazioa etengabe eta uneoro berritzen den honetan, azkartasuna lehen baino are garrantzitsuago bihurtu da. Zehaztasunaren kalterako? Eta bestalde, sakontasuna ere eskatzen zaie hedabideei. Hor izango du azken gotorlekua paperak?
Bai, batzuetan arazo bihurtzen da azkartasuna, baina oro har abantaila dela uste dut. Sakontasunari dagokionez, uste dut azkenean paperezko egunkari asko astekari bihurtuko direla, horrek emango baitu sakontzeko aukera. Izan ere, asteburuetan saltzen da paperezko medio gehien, eta logikoa da. Aste barruan ordaindu ezin daitekeen bizio garestia da papera. Garestia denboraren ikuspegitik.
Zuek zentro-ezkerrean kokatzen duzue zuen burua. Kazetaritza, lehen definitu duzun bezala, kontra-boterea izan behar bada, posible da eskuineko kazetaritza?
Noski. El Confidencial , adibidez, egunkari kontserbadorea da, kazetarien jabetzapekoa, enpresa handiei zartakoak emateko gai dena eta sarri hala egiten duena gainera. Zintzotasunez egiten dute lan, ez dut uste kazetaritza txarra egiten dutenik. Gakoa independentzia ekonomikoa da. Arazoa da nola izan daitekeen independentea dirua galtzen duen egunkari bat. Norbaitek ordaindu beharko du, ezta? Hori da gaur egungo espainiar prentsaren bekatua: negozio eredua amildu egin da, eta berarekin eraman du independentzia. Libre izateko gutxieneko baldintza batzuk bete behar dituzu, eta hori, lanbide honetan, kazetarien soldatak ordaindu ahal izatea da. Kazetaritzaren bidez ezin badituzu ordaindu, propagandaren bidez egin beharko duzu.
Orain dela hilabete batzuk "Castellanako paperak" argitaratu zenituzten beste hedabide batzuekin batera. Espainiako Estatuko zenbait pertsona aberats eta enpresaren irregulartasun fiskalak agerian geratzen ziren dokumentu horietan. Hitzaldian esan berri duzunez, halako informazioek ez dute izaten Messiren adierazpen batek adinako sona. Atsekabea sortzen dizu horrek?
Pertsonalki bai. Eta atsekabea sortzen du beste medio batzuek informazio hori ez zabaltzeak ere. Baina irakurleek asko eskertzen dute. Hori neurtzeko oso modu erraza daukagu: aurreko egunean zenbat bazkide lortu dugun begiratzea. Eta halako informazio garrantzitsuak argitaratzen ditugun egunetan bazkide asko lortzen dira, jendeak ondo baloratzen du botere handia duen norbaiti buruz era horretako informazioa argitaratzea.
Kazetariok gizartea hobetzeko gaitasuna dugu, horrelako informazioen bidez?
Uste dut baietz. Gu harro egon gaitezke gauza batzuez. Zer eragin izan du Espainian black txartelen aferak, esaterako? Bada, guk egin genuen hori. Hainbat iturritatik entzuten ari gara ustelkeria apaldu egin dela salaketari beldur handiagoa dagoelako. Hedabideok eragina dugu, noski. Horretarako gaude. | news |
argia-40f1a62f0708 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/paula-ezkerra-prostituta-politizatua.html | "Puta izatea niretzat askatasun sinonimoa da" | Saioa Baleztena | 2016-12-11 | "Puta izatea niretzat askatasun sinonimoa da"
Politikara jauzia egin duen lehen sexu langilea da Paula Ezkerra (Buenos Aires, 1971). Feminismoaren eta okupa mugimenduaren indarrak ekarri zuen Kataluniara duela hamasei urte eta, orduz geroztik, prostituten estigmen aurkako borrokaren ikurra izan da, Prostitutas Indignadas (Sumindutako Prostitutak) elkartearen bitartez besteak beste.
Duela hamabost urte iritsi zinen Argentinatik Kataluniara. Zerk ekarri zintuen?
Mito guztiek diotenaren aurka, ni bikain bizi nintzen Buenos Airesen. 2000. urteko krisi ekonomikoaren aurretik etorri nintzen Bartzelonara, 1999an, eta beraz, ekonomikoki ere ez nuen arazorik han: gaztea nintzen eta diru asko irabazten nuen. Betidanik egon izan naiz mugimendu feministan murgilduta, eta Argentinan nuen lagun katalan baten eraginez, egarria nuen Bartzelonan indar berezia zuen mugimendu okupa ezagutzeko. Hark gomendatuta iritsi nintzen hona.
Garai hartan feminismoak indar nahikorik zuen Argentinan?
Tira, ez. Handituz zihoan orduan. Izan ere, han badira hainbat mobilizazio klase arazoei lotuta daudenak gehienbat, baina ez dago feminismoaren inguruko gogoeta sustatzen duen kontzientzia indartsurik.
Sexu langileen diskriminazioaren aurka borrokatzen duen mugimenduaren ikurra zara. "Puta" hitzak ez al du berezkoa gutxiespen zentzua?
Inolaz ere ez! Puta izatea niretzat askatasunaren sinonimoa da. Nik ere borrokatu nuen estigmen aurka hasieran. Alegia, errudun sentitzen nintzen prostituta izateagatik, aurreiritziek jaten ninduten. Kalean nenbilen eta iruditzen zitzaidan begirada guztiak nigana zetozela. Urte asko behar izan nituen nire ogibidea askatasunez bizitzeko.
Prostituzioak badu alde ilun bat: mafiak. Non dago muga?
Prostituten errealitatearen argazkia aztertzen badugu denetik dago eta, zalantzarik gabe, emakumeak sexu langilea izatea ez erabakitzea da muga. Esklabotza delitua da ogibide guztietan eta XXI. mendean oraindik egotea onartezina da. Hala ere, gizarteak uste badu esklabotza prostituzioan baizik ez dagoela, horrek esan nahi du emakumearen gorputza eta bagina santutzen duen morala nagusi dela gurean.
Feminismoaren adar abolizionistarentzat kontraesana da prostituta eta feminista izatea, "gizonezkoei zuen gorputza saltzeagatik".
Errespetu osoz onartzen ditut baieztapen horiek. Are gehiago, nik ere izan nuen ikusmolde abolizionista. Argi nuen nire gorputzak ez zuela gizonezkoentzat izan behar, eta prozesu gogorra izan zen. Horregatik sentitzen nintzen errudun. Azken finean, emakumezkoak gutxiesten dituen gizartean bizi gara. Hala ere, urte askoren ondotik konturatu naiz ikusmolde horrek ere prostitutak zigortzen dituela. Ez da erraza izan, presioa iraunkorra baita; ikusmolde abolizionistak elikatzen du guk deuseztatu nahi dugun estigma.
Uste duzu ezjakintasun handiegia dagoela gai honen inguruan?
Zalantzarik gabe. Ni harro nago nire ogibideaz, eta emakume askok ezagutu ez duten askatasunaz egiten dut lan. Idatzi gabeko hitzarmen bat dut nire bezeroekin: ezagutzen ditut, nire arauak argitu eta ondoren dator gainontzeko guztia. Emakumeok ez dugu gure gorputza saltzen, beharra dutenak gizonezkoak dira eta botere osoa, beraz, guk dugu. Beti pentsatu izan dut munduak berdintasuna ezagutzen duen egunean desagertuko dela prostituzioaren inguruko eztabaida. Prozesu hori ulertzeak lagundu dit ikuspuntu abolizionistaz urruntzen.
Inoiz izan duzu indarkeria arazorik?
Orokorrean gizonezkoekin ez dut arazorik izan. Baina bai, zoritxarrez izan dut. Eta harrituko zaitu baina poliziekin izan da! Herrialde askotan lan egin dut, Argentinan, Brasilen, Italian eta Alemanian, besteak beste, eta indarkeria egoeretan murgilduta egon naizen gutxietan poliziak izan dira tartean.
Bartzelonako Udalak martxan jarri ditu hainbat neurri, zuen aldarrikapenei erantzuteko. Adibidez, gutxieneko baldintzak dituzten espazioak dituzue eskura orain.
Guretzat aurrerapauso itzela da. Erakundeek oinarrizko eskubideak asetzeko aukera ematen digutenean urrutiago gelditzen dira isilpean jardun beharra eta mafiak. Horregatik aldarrikatzen dugu araudi, mafiek indarra hartzen dutelako erakundeek gure eskubideen alde borrokatzen ez dutenean.
Kaleko borrokaz gain, erakundeetan ere parte hartu duzu, CUPeko zinegotzia izan zaren heinean. Noiz erabaki zenuen politikan sartzea?
Betidanik sinetsi dut erakunde politikan, sistemaren barrutik gauzak aldatu daitezkeela uste dut eta. Argentinan, adibidez, gaztetxoa nintzela parte hartu nuen aktibista gisa bertako diktadura militarra salatzeko hainbat ekimenetan. CUPen proiektu politikoarekin bat egiten dudanez, onartu egin nuen. Emakumeon etorkizunaren alde asko dago egiteko eta etorkizunaren parte izan nahi dut.
Zinegotzi kargua utzi zenuen baina oraindik ere elkarlana duzu Bartzelonako Udalarekin. Zertan ari zara?
Putas y alianzas elkartean Bartzelonako Udaleko feminismo sailerako txosten bat prestatzen ari gara. Horretaz aparte CUPeko oraingo zinegotziarekin kontaktua dut, eta nire alorreko aholkulari lanetan ari naiz. Kontua da zinegotzi ardura niretzat gehiegizkoa zela, erosoago sentitzen naiz egitura honetan lan egiten. Hala ere, beti egongo naiz aukera berrietarako prest. | news |
argia-b57ba4b2d634 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/mintzatu.html | Mintzatu | Itxaro Borda | 2016-12-11 | Mintzatu
Ez hain aspaldi Berria -n agertu da, argazki gaurkotu batekin, Jose Goitia herritarrak gidatu Joseba Sarrionandiaren elkarrizketa, zinez interesgarria, bereziki erakunde armatuak duela hogei urte bere ekina utzi beharko zuela eta denentzat hobe zatekeela zioen unea. Orduan ez zuen deus erran, alabaina, etsaien diskurtsoa errepikatu eta gaztigu bikoitza pairatu nahi ez zuelako. Ulertzekoa dena: heroismoak mugak baditu.
Mintzatu izan balitz, alta, ziur aski erraietan nabarituko zuen beldurraz harago, Frantzia eta Espainia baino, euskal herritar arruntak sosegatuko eta lagunduko zituen: berunezko garai haien minean euskaltasunaz dudatzeraino lerratu ziren euskaldun-ETAdun identifikazioa batzuetan zaila zelako garraiatzeko.
Guretzat, inperfektuok, lotsatiok, etsaiarekiko harreman intzestu-egilean higatuok, piztiaren ideologiarekiko zilborraren moztea esperientzia eraldatzailea suertatu zen eta mintzatu izan balitz, agian, bide horretan elkartuko ginen, idazteaz gain, Euskal Herri ez-endogamiko baten alde pataskatzen, mozkor zenbait hartzen eta Zea Mays entzunez arraiki dantzatzen.
Baina egia, damuek ez dute balio: ez zen ezer gertatu. | news |
argia-61f5ff2dbaef | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/indarkeria-transistemikoa.html | Indarkeria transistemikoa | June Fern�ndez | 2016-12-11 | Indarkeria transistemikoa
Sorgin eta Anitzak elkarteko Liz Quintanak aho bete hortz utzi gaitu Donostian Emakumeen Mundu Martxak deituta bildu garen feministok, honako itaun hau entzun ostean: "Zure bikotekideak nola janzten zaren, noiz ateratzen zaren eta norekin hitz egiten duzun kontrolatzen badu, argi daukagu hori indarkeria dela. Baina, zer gertatzen da kontrol jarrera horiek zuen nagusiak egiten baditu?".
Jardunaldien helburua indarkeria matxista kontzeptua birpentsatzea izan da. Erronka horrek beldurra eman ohi du, errazagoa baita doktrina argi eta sinpleak defendatzea. Hala, feminismoan maiz entzun izan dugu indarkeria matxista azaltzen duen osagai bakarra erro patriarkala dela. Areago, Espainiako Legearen arabera, genero indarkeria bikote heterosexualaren esparrura mugatzen da.
Askok diotenez, kontzeptu bat gehiegi zabaltzen badugu esanahia galtzen du, desitxuratzen da: dena indarkeria baldin bada ezer ez da indarkeria. Quintanak berak, erresistentzia horri erantzun dio hauxe esanez: "Indarkeria kontzeptua zabaltzeak borroka ahultzen du, berau 'koherenteagoa' bihurtzen du eta bazterkeria berriak saihesten laguntzen".
Emakumeen Mundu Martxako bultzatzaileek argi daukate sexismoa berez ez dela emakumeok bizi ditugun indarkeriak azaltzeko nahikoa. "Indarkeria transistemikoa" kontzeptua proposatu dute zapalkuntza sistema anitzak nola uztartzen diren hobeto deskribatu eta uler dezagun
Hasieran aipatutako galdera egitean, etxeko langileei buruz ari zen Quintana. Haren esanetan, lan mota hori, ugazabarekin bizitzera behartzen duena, indarkeria da berez, oinarrizko hamaika eskubide urratzen dituelako ezinbestez: intimitatea, atsedena eta sexu eskubideak garatzeko aukera, besteak beste. Etxeko langileen %90 baino gehiago emakumeak izanik, ez al dute lan indarkeria hori bizi gizarte patriarkaleko emakume izateagatik? Ugazaba gizonezkoa denean, langileek sexu jazarpena ere salatzen dute maiz. Kasu horretan argi daukagu indarkeria matxista dela. Baina ugazaba bikote heterosexualeko emakumezkoa baldin bada? Gatazka horren oinarrian sexismoa ere badago, esan du Quintanak: etxeko langileek ustez emazteek doan egin behar luketen lanak egiten baitituzte, eta logika horri jarraituz, emaztearen ardura izango da behargina kontrolatzea; polizia gaiztoaren papera hartzea.
Emakume Mundu Martxako bultzatzaileek argi daukate sexismoa berez ez dela emakumeok bizi ditugun indarkeriak azaltzeko nahikoa. "Indarkeria transistemikoa" kontzeptua proposatu dute zapalkuntza sistema anitzak nola uztartzen diren hobeto deskribatu eta uler dezagun. Etxeko langileen eta zaintzaileen kasuan indarkeria transistemiko hori argi dago: sexismoaz gain, xenofobiak (atzerritartasun legeak horrelako lan prekarioetara baztertzen ditu emakume etorkinak) edota klasismoak (garbitzailearen estigmak errazten ditu errespetu faltak) eratzen du langile hauen egoera. Prostituzioarekin gauza bera gertatzen da. Liz Quintanaren mahai-inguruan Ericka Arbizu sexu langileak ere parte hartu zuen: emakumea, transexuala, etorkina. Argi dago sexismoaz gain, xenofobiak eta transfobiak mugatu dutela bere bidea, denen nahasteak alegia.
Transfeministek aspaldi defendatu dute (dugu) ez dela kasualitatea instituzioek defendatzen duten indarkeria matxistaren definizio hertsia, ezkondutako emakume txuri heterosexuala erreferentzia bezala hartu izana. Mahai-inguruan, greban dauden erresidentzietako langileen bozeramaile batek esan du euren sektorea hain feminizatua egon arren, ez dutela nahi bezainbeste sumatzen feministon elkartasuna. Hirurek hauxe eskatu digute nolabait: "Feministok ere birpentsa dezagun gure eztabaidak eta politikak zein emakume hartzen duten erreferentziatzat eta zein uzten kanpo. | news |
argia-15ceabf680c4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/josetxo-ezkurra-eta-endika-barrenetxea.html | "Erremontetik ezin zaitezke bizi" | Jon Ander De la Hoz Arregi | 2016-12-11 | "Erremontetik ezin zaitezke bizi"
Gazteak dira, baina ez berriak. Josetxo Ezkurra (Doneztebe, 1992) eta Endika Barrenetxea (Hernani, 1990) erremontistek urte batzuk daramatzate goi mailan, eta ongi ezagutzen dituzte kirol honek azken urteotan pairatutako gorabeherak, erremontea hilzorian utzi zuen krisitik hasi eta jokoarekiko maitasunak ekarritako berpizkunderaino. Binakako Txapelketa bete-betean harrapatu ditugu, Hernaniko Galarreta frontoian. Ionekin ari da Ezkurra II.a, Segurolarekin Barrenetxea IV.a.
Zer moduzko hasiera eman diozue txapelketari?
Ezkurra : Nahiko parekatua dago ligaxka. Lehenetik azkenera lau puntuko aldea dago, partida batekoa, alegia. [Ezkurrak eta Ionek jada lortu dute semifinaletara pasatzea]
Barrenetxea : Hasiera onena eman diogun bikotea gara, Koteto Ezkurra eta Etxeberria III.arekin batera. Ezin gara kexatu, baina matematikoki ziurtatu nahi dugu finalerdietarako txartela.
30 lagun zabiltzate goi mailan. Osasuntsu al dago erremontea?
Ezkurra : Bi txapelketa nagusienetan jende gehiago animatzen da ikustera, batez ere finalerdi eta finaletan. Ostegunetan jende gehiago gerturatzen da, larunbatetan esku pilota, futbola eta beste kirolek osatutako eskaintza handiagoa dagoelako. Guk ezin dugu kirol horiekin lehiatu.
Barrenetxea : Kirolarioi dagokigunez, jende dezente dago, baina egutegia nola hala betetzera iristen gara, beste urteetan baino partida gehiago jokatzeak erakusten duenez. Hori bai, argi dago jende gehiago egoteak patxada handiagoa emango ligukeela. Batzuetan gertatu izan zaigu erremontistak aldi berean lesionatuta egotea, eta halakoetan gainontzeko pilotariek estuan aritzera behartzen ditu.
Erremonteak egoera kritikoa bizi izan zuen duela urte gutxi.
Ezkurra : Ni oraindik debutatu gabe nengoen, baina egia da erremontea impasse moduko batean egon zela duela urte gutxi; aurrera jarraitu edo bertan geratu. Oriamendi 2010 enpresak esfortzua egin zuen, proiektu berri bat sortuz, eta ilusioarekin eman zaio buelta. Gainera, Nafarroako Gobernuaren fundazioarekin batera eman da erremontea zabaltzeko zenbait pauso: Zaragozan jokatu dugu duela ez asko. Horrekin pixkanaka jende berria erakarri nahi da.
Barrenetxea : Guk Oriamendi 2010 flotagailu moduan hartu genuen. Ikusi genuen aurreko enpresak itxi zuenean erremontearen itsasontzia hondoratzen ari zela; ura leporaino genuen, eta helduleku gabe geratu ginen. Oriamendi 2010 izan zen une hartan hau biziberritzeko pausoa eman zuen bakarra. Gero, hilabete amaierara iristeko arazoak zeudela-eta, bide berriak eskaini zizkigun enpresak. Haietatik bat aukeratu genuen; kooperatiba gisa funtzionatzea. Hasieran kostatu da hori barneratzen, lehen hilabetea iritsi eta aurrekoaren %60 kobratzean jendeak "nik aurrekoan adina lan egin eta gutxiago kobratu dut" esaten duelako. Jende batek ez du jakin bideratzen eta utzi egin du, egoera eramaten asmatu ez duelako. Orain, portzentajeak igotzen ari dira eta datozen hiru urteak hobeagoak izatea aurreikusten dugu.
Zer egin behar da jendea erakartzeko?
Barrenetxea : Lehenengo eta behin, etxekoetatik hasi, lagunak eta beste erakarriz. Ahoz aho, txapelketaren inguruko berriak eman. Horrez gain, sare sozialen, telebistaren eta egunkarien laguntza ezinbestekoa da. Ondo deritzot Zaragozara joatea, baina han ez dugu kirolari asko batuko. Behintzat jakin dezatela hor gaudela.
Komunikabideetako oihartzunean al dago gakoa?
Barrenetxea : Bai, nire ustez hedabideak dira gehien lagundu dezaketenak. Esku pilotarekin konparatzea zaila da, baina hango emankizunekin alderatuta gureak duen kuotari dagokion dirua jasotzea ez legoke gaizki, eta berdin gainontzeko kirolekin ere: zesta punta, aizkora, sega eta beste. Ez dut uste hori betetzen denik, eta laguntza handia litzateke, dela egurrak erosteko edo beste gauzetarako. Baita kirol horien zabalkunderako ere.
Ba al dago belaunaldien arteko transmisiorik?
Ezkurra : Bai, Nafarroako Gobernuaren Fundazioak jarri ditu zenbait eskola abian. Besteak beste, nire herrian, Donezteben, Atarrabian eta Agoitzen daude. Horrez gain, Galarretako eta Euskaleko eskolek ere ateratzen dute jendea; saiatzen ari dira, jende berria erakarri asmoz. Harrobia praktikarekin lantzen da, eta hori egiteko ordua da.
Barrenetxea : Eman da, bai. Gazte asko dago, eta zaharxeagoak gutxiago daude. Beteranoetan betiko hiru izarrak geratzen dira. Nafarroan lortu da, hamalau gazte berri sartu dira, eta hemen sei gazte ditugu 18-19 urte ingurukoak; horiei gorputza pixka bat gehiago egitea falta zaie. Erremontista gehiago egotea ez da jende faltagatik, ekonomiak ez duelako uzten baizik.
Harrobitik gorako saltoa nolakoa da?
Ezkurra : Orain ez dago duela hamar urteko mailarik. Nire kasuan, sumatu nuen saltoa. 2012an debutatu arren, aurreko urte eta erdian probak egiten ibili nintzen, baina esaten zidaten oraindik itxaron egin behar nuela, indar gutxi neukalako. Azkenean, 19 urterekin egin nuen debuta, baina kostatu zitzaidan. Eta jauzia eman eta gero ere, kostatu zitzaidan estelarretara igarotzea. Pixkanaka lortu dut goian finkatzea.
Barrenetxea : Esan bezala, belaunaldi aldaketa eman da. Nik 26 urte ditut, eta duela bizpahiru urte erremontisten erdia ni baino zaharragoa zen, eta orain alderantziz da. Intendenteak lan handia egiten ari dira aurten guztia egokitzeko, eta ondo ari direla uste dut.
Nola bizi da goi mailako erremontista bat?
Ezkurra : Duela zortzi bat urte, krisiarekin, diru-laguntzak murriztu egin ziren. Orain dirua irabazten den arren, zaila da hortik bizitzea: batzuk lanean ari dira, besteak ikasten... apur bat kobratzen dugu, baina zaila da hortik bizitzea. Hala ere, sos batzuk kobratzen ditugu gustuko dugun kirola egiteagatik eta biak uztartzerik badugu, aurrera.
Ez al da inor erremontetik bizi?
Ezkurra : Urte horiek igaro ziren. Goikoek irabazten dute dirua, baina ez bizitzeko lain, kasu gehienetan. Gainera, ez dakizu etorkizunak zer ekarriko duen eta prest egotea komeni da beti ere: mina hartzen duzula edo... badaezpada ona da beste zerbait izatea, eta gehienak horretan gabiltza.
Nola ematen da uztarketa?
Barrenetxea : Bi taldetxo daude, lehengoak eta oraingoak. Lehendik daudenek 2009ra arte erremontea zuten diru-iturri nagusi. Hori aldatu egin da, eta horrela zebiltzan askok utzi egin dute egoera aldatu denean. Alderantziz gertatu da belaunaldi berriekin; ikasketekin uztartuta hasieran, lanean hasi eta erremontearekin jarraitzeko saltoa naturalki eman dute, zaletasun handia dutenez. Urrizaren kontua bestelakoa da; hark betidanik uztartu izan ditu erremontea eta ingeniaritza lanak.
Hori bai, egia da ez duzula zertan zortzi ordu sartu, bi nomina dituzulako eta lanaldi erdi batekin lotu dezakezu, baina erremontetik soilik ezin zaitezke bizi. Hemen dabilena zaletasunez ari da, eta txalogarria da, konpromiso maila handia erakusten ari direlako pilotariak. | news |
argia-d3014f1792ad | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/marie-curieren-lanbidearen-ajeak.html | Marie Curieren lanbidearen ajeak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-12-11 | Marie Curieren lanbidearen ajeak
Paris, 1898. Uztailean, Marie eta Pierre Curie senar-emazteek artikulu bat argitaratu zuten ordura arte ezezaguna zen elementu baten berri emanez. Polonio izena jarri zioten, Marieren jaioterria gogoan. Urtea amaitu baino lehen, bikoteak beste elementu kimiko berri bat aurkeztu zuen: radioa.
Mariek prozesuaren fase bakoitzaren emaitzak jasotzen zituen zehatz-mehatz laborategiko koadernoetan. Etxean ere bazituen koadernoak bertako gorabeherak zehaztasun zientifikoz, modu obsesiboan, biltzeko. Esaterako, Pierren alkandora egiteko erabilitako oihalaren prezioa dakigu koadernoei esker. Irène alaba zen Marieren etxeko aztergai kuttunetakoa. Alabaren buruko diametroa aldiro neurtzen zuen kurrikak erabiliz, eta emaitza txukun idatzi. Polonioa aurkeztu zuten hilabete hartan bertan, Irènek "gogli gogli go" esan zuen eta 1899ko urtarrilean hamabost hortz-hagin zituen.
Sukaldea ere laborategia zen Nobel saridun bikoitzarentzat. 1898an bertan, andere-mahatsen jelea prestatu ondoren, errezeta/esperimentu hau idatzi zuen: "Lau kilo fruta hartu nituen, eta beste lau kilo azukre kristaldu. Dena hamar minutuz irakin ondoren, nahastea galbahe fin batetik pasatu nuen. Kalitate handiko hamalau flasko jele lortu nituen, ez zen gardena geratu eta primeran mamitu zen".
Marie Curiere ez zitzaion bururatu bere aurkikuntzekin errezetak egitea, baina beste batzuei bai. Urtetan, osagai erradioaktiboak erabili zituzten hortzetako pasta edota laxanteak ekoizteko. Hil aurreko urteetan Marie Curiek haserrea adierazi zuen produktu horiek behar adinako arretaz erabiltzen ez zirelako. Harentzat berandu zen arretaz jokatzen hasteko. Marie Curieren dokumentu gehienak, errezetak barne, oso erradiaktiboak dira oraindik eta berunez forratutako kaxetan daude gordeta. | news |
argia-eb6290802c03 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/ikusmen-urritasuna.html | "Traba nagusia ez da ikusmen arazoa, gizarteratzeko jartzen zaizkigun oztopoak baizik" | Ainhoa Mariezkurrena Etxabe | 2016-12-11 | "Traba nagusia ez da ikusmen arazoa, gizarteratzeko jartzen zaizkigun oztopoak baizik"
Mundua hautemateko moduak pertsona bakoitzaren araberakoak dira. Esparru guztietara iristeko aukera berdinak al ditugu, ordea? Ikusmenean aniztasun funtzionala duten hainbat lagunek errealitatea nola sumatzen duten kontatu digute, egunerokoan dituzten zailtasunak ardatz.
Itsuen edo ikusmen urritasuna duten pertsonen inklusioa sustatzen dute Gipuzkoako Begiris, Bizkaiko Aukera Berriak eta Arabako Itxaropena elkarteek. Gasteizen, Bilbon eta Donostian batzartu dira egunotan, arazoak detektatu, informazioa bildu, eztabaidatu eta proposamenak plazaratu aldera, hirietako irisgarritasuna oinarri hartuta.
Irisgarritasuna eta enplegua
Historikoki, ikusmen disfuntzioa duen pertsona kupoi-saltzaile aritu da lanean ONCEn. %90ak hori izan du ogibide. Horretan jarduteko aukerak murrizten ari direla kontatu digute, ordea, elkarrizketatuek: "Kupoiak beherakada jasan du eta ez dago bestelako alternatibarik", dio Aukera Berriak elkarteko Manu Agirrek. ONCEko EAEko ordezkari Juan Carlos Anduezak jokoaren konpetentzia aipatu du aldaketen zio bezala: "Lehiakortasun handikoa eta dinamikoa da jokoaren sektorea; horregatik, gure bezeroei begira, etengabe egokitzen dugu".
M. Agirre, Aukera Berriak:
"Kupoi salmentak beherakada jasan du eta ez dago bestelako alternatibarik"
Espainiako Estatuan 20.000 pertsona dira kupoi-saltzaile gaur egun, Anduezak adierazi digunez. Horietatik ikusmen urritasuna dutenak %7 inguru direla azaldu digu Begiris elkarteko Joxean Txintxurretak. Gaur egun beste mota bateko aniztasun funtzionala duen jendea ere lanean ari dela dio, baita elbarritasunik gabeko zenbait ere "Mugikortasuna bilatzen da, elbarritasun txikia duen pertsona mugituaren perfila. Itsuek gero eta leku txikiagoa daukagu". Era berean, ONCEn lanean aritzeko aukera duenak, lan baldintza "kaskarretan" egin beharko duela adierazi digute: "Lan irizpideak ere aldatzen ari dira: behin behineko kontratuak, oinarrizko soldataren %70a kobratzea, produktibitateari lotutakoa...", dio Aukera Berriak-eko Agirrek.
Bizitzaren sostengurako eta norberaren autonomiarako enplegua tresna garrantzitsua dela esan digute, gehituta Euskal Herrian lan egiteko aukera "eskasa" dagoela. "Enpleguaren sektoretik aparte geratzen garenok arazoak ditugu gizarteratze txukuna izateko". Agirre eta Txintxurreta kupoiak saltzen ibilitakoak dira. Biak erretiratuak. Urtebeteko lanagatik urte eta erdiko kotizazioa lortu dutela kontatu digu Agirrek, Gizarte Segurantzako Araudian egondako aldaketaren harira. Horregatik erretiroa. "Lanpostuetan murrizketak egiteko trikimailu" bezala deskribatu du.
"ONCE aski ezaguna da pertsona desgaituei zuzendutako enplegua sortu eta sustatzeagatik", esan du Anduezak. "Krisi garaian gure konpromiso sozialari aurre hartu eta pertsona desgaituentzako enpleguaren formazio eta sorkuntza egitasmoa sortu genuen". Txintxurretak bestelakoa dio, baina: "ONCEk urte onak izan ditu, dirua mugitu du eta bide berriak bilatu eta sortzeko aukerak eduki ditu. Krisia dela eta, ekintzak mugatu ditu eta aukerak agortu zaizkio. Hartara, egoera "ilun" batean irudikatu dute enplegua Agirre eta Txintxurretak.
Urritasun mota hau dutenak kupoiak saltzera mugatu diren arren, gaitasun gehiago dituztela gaineratu dute: "Hiruzpalau fisioterapeuta daude Gipuzkoan eta sei-zazpi Bizkaian", azaldu digu Txintxurretak. Bestalde, telefoniarekin lotutako lanpostuak ere galdu egin dira. "Orain makinak dira lan hori egiten dutenak", dio Agirrek.
Pertsona hauek lanean ikusi dituenak, ONCEn ikusiko zituen ziurrenik. Txintxurretaren hitzetan, horrek deskonfiantza eragiten dio langileak kontratatu nahi dituenari: "Ez gaituzte ezagutzen, ez gaituzte lanean ikusi. Lan munduan ez gara inor ONCEtik kanpora. Ezjakintasunagatik edota deskonfiantzagatik ez gaituzte nahi. Enpresa publikoek eman beharko lukete lehen pausoa, lehen arduradunak dira".
Administrazio publikoen esku hartzea
Administrazioek, betidanik, arazo hau ONCEren esku utzi dutela adierazi dute Txintxurretak eta Agirrek, eta lanean integratu ahal izateko beharrezkoa dela haien esku-hartzea. "Herri administrazioek ez dute honi buruz azterketarik egin, ezta irtenbiderik planteatu ere. Egoerari beste modu batean heldu behar zaio, arazoa mahai gainean jarri eta ardurak hartu. Iritsi da ardura publikoa hartzeko unea". Lehen pertsonan bizi dituzten mugak txosten batean bildu eta administrazioekin harremanetan jarri dira.
J. Txintxurreta:
"Lan munduan ez gara inor ONCEtik kanpora. Ez gaituzte ezagutzen, deskonfiantzaz hartzen gaituzte. Ezjakintasun horrek bultzatuta ez gaituzte eurenean nahi"
Pasa den ekainean Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Zerbitzu Sozialeko kontseilari Lide Amilibiarekin bildu ziren hiru elkarteetako ordezkariak. Egoera zein den ezagutarazi zioten lehenik, ez baitzuen "aski ongi" ezagutzen. "Lanbide aipatu ziguten, ezgaituentzat aukerak ematen dituztelako. Baina ez zekiten han ere gutxi direla ikusmen urritasuna dugunontzako aukerak. Batzuetan oposizioak egin ondoren esan digute lan horretarako ez dugula balio. Denak zaku berean sartzen gaituzte eta ez dakite zeintzuk diren bakoitzaren beharrak", aipatu du Txintxurretak. Egoera aldatzeko lan egiteko "beharra" azpimarratu eta hau guztia ikusarazten eta kontzientzia pizten ari direla nabarmendu digute.
Horretarako datuak eskatu dizkiote Jaurlaritzari: Erkidegoan dagoen itsu kopurua, egin dituzten ikasketak, zein lanetan ari diren eta zein lan eskaera dagoen eta abar. "Ikuspuntu errealista batetik abiatu behar gara, zer eta nola planteatu jakin ahal izateko. Zertaz ari garen jakin behar dugu", diosku Txintxurretak.
Gizarte aurrerakoia hankamotz
"Espazio publikoa ez dago herritar guztiontzat eskuragarri", dio Agirrek. Hirietan aldaketak ematen dira, baina irizpide batzuk ez direla kontuan hartzen salatu dute eta horrek haien autonomia murrizten duela. Hartara, egunerokoan jasaten dituzten oztopoak bildu eta horiei aurre egiteko neurriak proposatu dituzte:
"Donostiako Egia auzoan egin berri duten autobus geltokiko diseinuan plan bat egiten aritu gara Udalarekin. Elbarritasun fisikoak kontuan hartu zituzten aurrez, baina guretzat ez zegoen orientazio seinalerik. Gauza batzuk falta arren, nahiko txukun geratuko da", esan digu Txintxurretak.
"Bilboko zenbait autobusek megafonia erabiltzen dute informazioa helarazteko. Batzuen soinu-sistemak baldintza kaskarrean daude, zarata desatsegina ateratzen dute eta horrek jendea kontra jartzen du. Beste batzuek gutxieneko hori ere ez daukate", dio Agirrek: "Megafonoak aktibatzeko aparailu bat behar dugu, ahaztuz gero ezin dugu erabili. Bilbokoa ez bazara, gainera, aparailurik ez duzu izango. Halaber, autobus bat baino gehiago etortzean seinalerik ez dugu jasotzen. Hainbeste muga ez dauzkaten megafoniak eskatzen ditugu". Metroan, bestalde, tiketa hartzeko hitz egiten duen makinarik ez dago. "Behin tiketa pasata bi noranzko daude, seinalizatu gabekoak. Nahikoa litzateke braillez idatziriko karteltxo bat. Eta kalera irtetean ere arazoak. 'Plataforma Bakarra' izendatu duten diseinuarekin ari dira hiria berritzen. Bertan maila berean doaz oinezkoak eta automobilak. Espaloirik gabe ez dakigu zein esparrutan gauden eta segurtasuna galtzen dugu. Semaforo batzuek soinua egiten dute, baina beste batzuek oraindik ez. Ez dakigu zeinen aurrean geratzen garen, geldi egon behar garen, pasa gaitezkeen edota semafororik dagoen ala ez".
Kulturaz osotasunean gozatu
Kultur aretoak aipatu dituzte Gipuzkoako Begiris taldekoek. "Tabakalerako arduradunarekin ari gara lanean. Areto berria da, gurpildun aulkidunak kontuan hartu dituzte egiturak egiteko, baina gu ez". Kultur programazioari dagokionez, eskaintzarik handiena "ikustekoa" dela nabarmendu dute, gutxi dagoela entzuteko edo ukitzeko. "Eskulturaren munduan adibidez, irudi handiak paratzen badira, nolakoak diren ere ezin dugu imajinatu. Azpialdean maketa txiki bat jarrita, ordea, bai".
Kultur arloan ere zer hobetu badagoela esan digute elkarrizketatuek. Artearen esparruan, esaterako, oso lagungarria da eskulturen alboan haien maketak jartzea, bestela nolakoak diren ere imajinatzerik ez dagoelako, figura handien kasuan bereziki. Argazkian, Bilboko Guggenheim Museoaren kanpoaldean dauden eskulturen maketak. / GUGGENHEIM MUSEOA
Literatura eta hizkuntzan gozatu edo trebatzeko aukera gutxi dituztela kexatu dira, eta eskaintza berriak ezin dituztela eskuratu: "EAEn liburutegi digitala ere badago; bada, guk ezin dugu kontsultatu. Euskaraz hain garrantzitsua eta esanguratsua den ahozko literaturaz ere apenas goza dezakegun sarean", kexu da Aukera Berriak elkarteko Agirre.
C. Andueza (ONCE):
"Teknologia berriak ez dira irisgarriak, baina abantailak ere badituzte: mugikorrarekin ONCEren liburutegira sar naiteke, ahots-sistema bidezko programak daude..."
Eta teknologia? "Aukerak ekar ditzake ongi kudeatzen bada. Baina teknologia berriak ez badira denontzako bideak, hesiak eta oztopoak eraikitzen dira, diskriminazioa eta bazterkeria", gehitu du. ONCEko ordezkari Andueza iritzi berekoa da, alegia, gailu berriak ez direla irisgarriak. Abantailak ere aipatu ditu, ordea: "Mugikorrarekin ONCEren liburutegira sar gaitezke. Ordenagailu eta telefono pantailak handitzen dituzten edo ahots sistema duten programez ere balia gaitezke". Txintxurretak aplikazioen etengabeko aktualizazioa ikusten du oztopo gisa: "Gaur ikasi dugunak bihar ez du balio. Gaur irisgarria dena bihar ez da izango. Etxetresna gehienak digitalak dira orain eta maneiatzeko arazoak ditugu, lehen ez bezala. Bestalde, langileak kontratatzerakoan aitzakia gisa erabiltzen dute teknologiaren erabilera. Denontzat ona dela dirudi baina kontuz, aurrera joateaz gain, atzera ere bagoaz".
Gaitasunak aktibatzen
Aldaketak poliki-poliki ematen direla aditzera eman duten arren, lanean jarraitzeko indarrez azaldu dira. Oinarrizko eskubideez hitz egiten ari garela adierazi dute behin eta berriz, "ez gutiziez". Hala nola, ingurura begiratu eta gaia kontuan hartzeko deia luzatu nahi diete herritar zein administrazioei, irtenbideak planteatzen hasteko.
Garai batean hezkuntzan ere inklusioaren arazoa zegoela kontatu digute. Agirrek, esaterako, Pontevedran (Galizia) jaso behar izan zuen hezkuntza berezia. Gaur egun neska-mutikoek euren herrietan ikas dezakete. "Ahalegin hau eskolatik kanpo ere gauza dadin baliabideak bilatu behar ditugu, zubia erdibidean ez uzteko", dio Txintxurretak. "Gizartean oinarrizkoak dira pertsonak eta harremanak. Haiei gaitasunak ukatzea, garatzeko aukerak mugatzea da. Kontu larria da". | news |
argia-44dd0a96d14b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/zaborrak-bizi-gaitu.html | Zaborrak bizi gaitu | Axier Lopez | 2016-12-11 | Zaborrak bizi gaitu
Gainpopulazioa arazo ugari sortzen ari da munduko txoko askotan. Horietako bat da India (1.240 milioi biztanle). Pertsona kopuru erradoi bati, muturreko pobrezia eta hondakinen kudeaketa negargarria gehituz gero, Bhalswa txabolagunea edo 'slum'aren egoera agertuko zaigu. | news |
argia-e8ef9b95ddcc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/ordainketa-elektronikoetara-saltoa-egingo-du-euskoak.html | Ordainketa elektronikoetara saltoa egingo du Euskoak | Iosu Alberdi Atxurra | 2016-11-29 | Ordainketa elektronikoetara saltoa egingo du Euskoak
Eusko monetak beste aurrerapauso bat eman nahi du eusko numeriko edo digitalaren sorrerarekin. Monetatik abiatu zen proiektuak ordainketa digitaletara ere iritsi nahi du, interneteko kontuak eta ordainketa txartelak abian jarriz. Prozesuan parte hartzeko abenduaren 1ean Baionan egingo den ezohiko biltzarrera joateko gonbita egin dute.
Euskoa billeteak eta ordainketa numerikoa batzen dituen lehen tokiko moneta izateko bidean da. Ekimenaren bultzatzaileek bi urtez lan egin ondoren, teknikoki prest daudela azaldu dute, eta bide juridikoa zabalik dutela. Horretarako erabiltzaileentzat ordainketa txartelak egitea proposatzen dute, internet kontu batekin. Erabiltzaileek kontu hori doan sortzeko aukera izango dute, Euskal Moneta elkarteak kudeaturik.
Era honetan telefono mugikorretatik eta ordenagailuetatik dirua trukatzeko aukera egongo da, baita eusko kontuen artean mugimenduak egiteko ere. Bestalde, ordainketa txartel baten bidez saltokietan erosketak egiteko edo aldaguneetan billeteak ateratzeko baliagarria izango da.
2013an billete moduan sortu zenetik, 30.000 eusko baino gehiago banatu dira tokiko elkarteetan eta Ipar Euskal Herriko hainbat saltoki elebidun bihurtzeko baliagarria izan da. Euskoari esker 200 harreman komertzial berri baino gehiago sortu direla azaldu dute bultzatzaileek.
Proiektuak aurrera egin dezan, prozesuan parte hartzeko deia egin du Euskal Monetak . Horretarako dei egiten dute abenduaren 1ean Baionako Manu Robles Arangiz Fundazioan arratsaldeko zazpietan egingo den euskoaren ezohiko biltzar nagusira.
"Euskoa gehiago hedatuz, elkarrekin, Euskal Herri euskalduna, solidarioa eta ekologikoa eraikitzeko urrunago joateko aukera emanen digu!", adierazi dute. | news |
argia-7508c87808cc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/txikitatik-daukat-barrazkiak-egiteko-ohitura.html | "Txikitatik daukat barrazkiak egiteko ohitura" | Garazi Zabaleta | 2016-12-11 | "Txikitatik daukat barrazkiak egiteko ohitura"
Barazkiak supermerkatuan erosketak egiten, tabernan urtikalimotxoak edaten, Su Ta Sagar entzuten… Ez al da gehiegizkoa?
Gehiegizkoa guk daramagun bizimodu hau iruditzen zait, halako abiaduran. Itxuraz, komikian barazkiek mundu kaotikoa adierazten dute, baina seguraski guk hautatu dugun bizitza dago hor, gure mundu kaotikoaren isla da.
Baratzearen inguruan bi mundu paralelo marraztu dituzu, elkar eragiten: batetik kanpokoa, baratzezainarena, eta bestetik barrukoa, barazkiena. Nork kontrolatzen du nor?
Hor deskontrol kontrolatu bat dago, edo kontrol deskontrolatu bat, agian. Irakurleak ikusi beharko du hori…
Asko begiratu dituzu barazkiak marrazten hasi aurretik? Haien bizitza hain ongi ezagutzeko…
Ba nik txikitatik daukat barrazkiak egiteko ohitura, marrazkiak baino. Eta beraz, nahiko erraza egin zait Altza Porruko lana. Hala ere, egia da buruari buelta batzuk ere eman behar izan dizkiodala istorioa kiribiltzeko eta lotzeko.
Ikasi al duzu zer edo zer berririk baratzearen inguruan Altza Porrurekin? Edo lehenagotik gaia kontrolatzen zenuen?
Noski ikasi dudala! Niri lanak epel-epel eta apal-apal egitea gustatzen zait, eta dudarik gabe asko ikasi dut Altza Porruko proiektu honetan. Baratzea eduki izan dut lehenago, bai, eta orain hiri baratzeetako proiektuetan ere banabil. Harreman pixka bat banuen lehenagotik honekin guztiarekin, baina egia da oraindik asko dudala ikasteko. Ikasle hutsa naiz gai honetan.
Titipuliñe da zure komikiko protagonista. Egileen aurkezpenean zu tipula.
Agian Asiskok negarti bezala ikusi nau, eta horregatik marraztu nau tipula aurpegiarekin. Edo, behar bada, denak ere oso yin gabiltzalako da. Tipula oso yin da, eta makrobiotikaren arabera yanginizatzea komeni zaigu denoi ere… | news |
argia-5db98755a6f1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/elena-urko.html | "Orain, emakumeok, transok, bollerok, amaneratuok, elbarriok eta lodiok hartzen ditugu kamerak, eta geure errepresentazioa gobernatzen" | Danele Sarriugarte Mochales | 2016-12-11 | "Orain, emakumeok, transok, bollerok, amaneratuok, elbarriok eta lodiok hartzen ditugu kamerak, eta geure errepresentazioa gobernatzen"
Aktibista transfeminista da Elena Urko, eta Post Op taldeko kidea, Majo Pulidorekin batera. Postpornoaz eta errepresentazioaz hitz egin dugu berarekin.
Orain urte batzuk, mugimendu indartsua sortu zen postpornoaren bueltan, batez ere Bartzelona inguruan. Zer da postpornoa?
2003an iritsi nintzen Bartzelonara eta urte horretan bertan sortu zen Post Op. Bartzelonan, garai hartan, topaketa mordo bat ari ziren egiten, hala instituzioetan nola autogestionatuak. Hausnartzen genuen zer arazotsuak diren identitateak, eta hitz egiten genuen politika queerrei, maskulinitateei eta bestelako pornografia bati buruz.
Testuinguru horretan kokatu behar da postpornoa. Zenbait feminismok eta pertsonak begi kritikoz erreparatzen genion porno mainstream-ari, izan ere, sexuari, generoari eta gorputz normaltasunari buruzko hamaika estereotipo betikotzen baititu, eta, gainera, sexuari buruzko egia bakar bat saltzen, askotariko identitate eta praktikak kanpoan utzita. Desira eraikia bada, bada, orduan, garrantzitsua da bestelako desirak eta iruditeriak sortzea, bestelako praktikak eta identitateak txertatzea, gizarte heteropatriarkal, kapazitista eta kapitalista ez indartzeko.
Orain, emakumeok, transok, bollerok, amaneratuek, elbarriek eta lodiek hartzen ditugu kamerak, eta geure errepresentazio propioa gobernatzen.
"Egunero bonbardatzen gaituzte ikus-entzunezkoek gorputzaren, binarismoaren eta sexualitatearen inguruan, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu hori guztia xalo-xalo ez irenstea"
Nabarmen aldatu da hiria. Zertan igartzen da?
Gutako askorentzat hainbat gauzaren ikur zen Bartzelona: askatasuna, arte adierazpen ugariak, underground kultura, raveak eta politika; hara iristean, ordea, amets horren azken arnasestuak baino ez genituen aditu. Urte gutxiren buruan, izugarri murriztu zituzten geure askatasunak, espazio autogestionatuak itxi zituzten pixkana, eta espazio instituzionalizatu eta kontrolpekoetatik at egiten zen kultur ekintza orori jazarri zitzaizkion. Turistentzako jolas parke handi bat bihurtu zen hiria, kreditu-txartela astinduz baino eskuratu ezin zen kultura sustatu zen, baita ordenantza zibiko berri bat onartu ere, zeinaren bidez, espazio publikoa erabiltzea galarazi baitziguten. Orain aldaketa prozesu batean gaude berriro, Ada Colau alkate dugula, eta espero dut Bartzelona bizitzeko moduko hiri bat bihurtuko dela berriz.
Postpornora itzulita, Artelekun ere izan zen tailer bat, benetan garrantzitsua.
Bai, 2008an, Feminismo Porno Punk jardunaldiak egin ziren Artelekun. Hantxe egin genuen gure estreinako tailer postpornoa eta hantxe ezagutu genituen gaur egun geure aliatu politikoak diren hainbat, eta haiekin batera sare sakonak ehundu. Garrantzitsua iruditzen zaigu gorputzaren bidez sortzea aliantzak, jarioen bidez, eta politika egiteko sexualitea esperimentatzea eta gorputzek elkarrekitea. Tailerrek aldaketa eraginkorrak sortzen dituzte: hainbat lagunek beren taldeak antolatzen dituzte gero, eta urteak pasatuta, askok esan digute tailer horiek mugarri izan zirela sexualitateari buruz zeukaten ikuspegian. Politikak gorputza zeharkatzen duenean, esperientziaren bidez, orduantxe egiten dizu buruak klik, eta ez dago atzera egiterik.
Zergatik dira sexualitatea eta pornoa borroka-zelai funtsezko?
Bada, gure ikuspegitik, pornoa ideologia bat delako. Pornoak gorputz eta praktika jakin batzuk zilegitzen ditu, eta beste batzuk, ordea, doilortzat jotzen eta ikusezin egiten. Gaur egun, gero eta gazteago iristen da jendea pornografiara interneten bitartez, eta kezkagarria iruditzen zait sexu-hezkuntza pornografia nagusiaren esku uztea. Beharrezkoa da bestelako sexualitate eta gorputzak agertzen dituen porno bat sortzea; gorputz guztia sexualtzat jotzen duen porno bat, zentzumen oro kontuan hartzen duena eta ez soilik genitalak, eta askotariko praktikak erakusten dituena.
Nola, noiz eta zertarako sortu zen Post Op?
2003an sortu zen, Maratón Postpornoaren osteko orgia baten ondoren. Hasieran, gure helburua zen espazio publikora eramatea hausnarketa haiek guztiak, identitateei, sexualitateari eta errepresentazio pornografikoari buruzkoak, izan ere, sarritan, ez baitziren ateratzen espazio instituzionaletik, zentro sozialetik edo festa-girotik. Geure egin genituen pornografia nagusiaren tresnak: hala, tresnok irauli eta ikus-entzulea harritzen genuen. Sexuaren eta generoaren dikotomiak hautsi nahi genituen, eta, horretarako, performanceak egiten genituen, eta izaki nahasgarri eta mutanteak sartzen espazio publikoan.
"Gure ikuspegitik, pornoa ideologia da. Pornoak gorputz eta praktika jakin batzuk zilegitzen ditu, eta beste batzuk, ordea, doilortzat jotzen eta ikusezin egiten"
Zuen lanean, besteak beste, espazio publikoa bersexualizatzen duzue.
Egunero bonbardatzen gaituzte ikus-entzunezkoek gorputzaren, binarismoaren eta sexualitatearen inguruan, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu hori guztia xalo-xalo ez irenstea; horregatik, bestelako ikuspegiak sortu behar dira diskurtso normatiboaren aurrean. Adibidez, ecosex/urbansex tailerretan, gure helburua da ordenantza zibiko berrien bidez ia-ia erabiltezin bihurtu diren lorategi eta plazak sexualizatzea. Zertarako nahi dugu parke bat, ezin badugu belarra zapaldu? Praktika postporno askok badute abantaila bat: kanpotik, ez dira sexu-praktikatzat jotzen, izan ere, sarritan, begirada oso murriztua da eta genitalekin lotutako hori baizik ez da jotzen sexualtzat; orduan, hala ez denean, zerbaitek nahasten eta artegatzen ditu ikusle-entzuleak, baina tartetxo bat behar dute ikusten duten hori ulertzeko eta ondoren erabakitzeko ea salatzeko modukoa ote den.
Urteak pasa ahala, nola aldatu dira zuen ekimenak?
Hasieran, performanceak egiten genituen, baina adierazpide horren bidez ezin ginen toki askotara iritsi, urrun zeudelako edo aurrekonturik ez genuelako. Gainera, konturatu ginen batzuetan ikus-entzuleak kanpo geratzen zirela: performanceak ikusgarriak ziren, baina ez genekien ikus-entzuleek benetan ulertzen ote zuten zertaz ari ginen.
Orduan, bideo postpornoak egiten hasi ginen, eta jaialdi eta topaldietara bidaltzen, bai eta gure lehen gorputz tailerrak egiten. Horien bidez gonbita luzatzen genien parte-hartzaileei, beren sexualitatea esperimenta zezaten, jolas moduan.
Tailer batzuetan, iruditegi pornografiko berriak sortzen ditugu; beste batzuetan, berriz, esperientzia dugu oinarrian, eta helburua da geure gorputzak ahalduntzea eta beste gorputz batzuekin elkarrekitea, ez soilik ikusmenaren bidez, baizik eta beste zentzumenak ere baliatuz. Jostailuak, protesiak eta gorputz-atal ahaztuak erabiltzen ditugu, eta saiatzen gara arauz kanpokotzat jotzen diren gorputzekin aliantzak sortzen: pertsona lodiak, transak, aniztasun funtzionalekoak, ebakuntza edo gaitzen baten ondorioz gorputza aldatu zaienak…
Azken urteotan, aniztasun funtzionaleko kolektiboarekin jardun duzue asko.
Funtsezko aliantza bat izan da. Aspalditik ari ginen gorputz normaltasunaren parametroekin bat ez datozen gorputzei buruz hizketan, hala ere, generoarekin eta sexuarekin lotutako zapalkuntza-ardatzez ari ginen batez ere, eta ez genituen aintzat hartzen beste zapalkuntza-ardatz batzuk, hala nola gaitasunarena.
Uste genuen jende guztiari irekitako tailerrak egiten genituela, eta, batzuetan, ez genuen eskaintzen espazio irisgarririk ez ariketa egokiturik. Jakina, hori aldatu dugu, eta orain ezinbesteko baldintza da gure espazioetan eta dinamiketan.
Tailer postporno bat egiteko eskaini ziguten Yes we fuck dokumentalerako eta mugarria izan zen hori. Sekulako bizipena izan zen, tailer horretan konturatu ginen ez zegoela jostailu barne-hartzailerik eta halaxe sortu zen Pornortopedia proiektua: hain zuzen ere, sexu-jostailuak diseinatzen ditugu, bestelako interesak, sentitzeko eta mugitzeko moduak aintzat hartuz.
Urte horretan bertan, Muestra Marrana jaialdian atal bat eskaini genion postporno elbarriari eta hortxe konturatu ginen hutsunea zegoela, ez zegoela porno askorik, aniztasun funtzionaleko jendeak egina, ahalduntzeko ikuspegi batetik. Halaxe sortu zen Nexos: bideo bat da, gorputzaren inguruan lan egin nahi zuten cripple eta queer aktibistek elkarlanean sortua.
"Praktika postporno askok badute abantaila bat: kanpotik, ez dira sexu-praktikatzat jotzen, izan ere, sarritan, begirada oso murriztua da eta genitalekin lotutako hori baizik ez da jotzen sexualtzat"
Zertan ari zarete orain?
Pornortopediarekin jarraitzen dugu buru-belarri. Majo Pulido A Coruñan dago, topagune batean, eta prototipo berri bat sortzen dabil: mugikortasun gutxi daukaten pertsonentzako jostailu bat da, alua ikusi ahal izateko eta klitoria kitzikatu ahal izateko; horretarako, bibragailuak eta presio-sentsore batzuk ipintzen dira gehien kontrolatzen duzun gorputz-atalean. Neu, berriz, dibulgazioan eta hezkuntzan nabil. Esate baterako, Topatu Pototak jardunaldietan izan naiz orain gutxi Tolosan, neska gazteekin. Hitzaldi bat eskaini nuen postpornoaz eta porno etiko, feminista eta iraultzaileaz. Lanean jarraitzeko gogoz gabiltza, noski. | news |
argia-f25786a96cac | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2533/zer-da-erregeen-hirugarren-oparia.html | Zer da erregeen hirugarren oparia? | unknown | 2016-12-11 | Zer da erregeen hirugarren oparia?
Errege Magoek hiru opari eraman ei zizkioten Jesus jaioberriari: urrea, intsentsua eta mirra. Garbi dugu lehenengo biak zer diren. Eta bestea? Mirra erretxina lurrintsua da, Afrika ipar-ekialdean, Arabian eta Turkian naturalki hazten den Commiphora myrrha zuhaitzaren izerdia. Oso mingotsa du zaporea, baina Antzinaroan gai preziatua zen, lurrinak eta ukenduak egiteko erabiltzen baitzen. Substantzia horrek propietate sendagarri asko ditu; marrantaren, disenteriaren eta parasitoen aurka erabiltzen zuten. Eta, I. mendean Diskoridesek De materia medica lanean jaso zuenez, abortu-eragilea ere bada mirra. Akaso Errege Magoek mezu subliminal bat helarazi nahi zieten guraso berriei? | news |
argia-1ec8bfb12409 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/fermin-lazkano.html | "Asko egin duten enpresak hasiak dira beren sabaietara iristen" | Onintza Irureta Azkune | 2016-03-13 | "Asko egin duten enpresak hasiak dira beren sabaietara iristen"
2015eko udazkenean, bere lantokian, Elgoibarko Makina Erremintako Institutuan, entzun genuen jardunaldietan. Euskalduntzean aitzindari diren enpresak zituen ahotan, eta tesi bat: langileen eta tresnen arteko hizkuntza-harreman konbinazioak kalkulatu behar dira, jakiteko zenbat euskara egin dezaketen. Horrek lagunduko du lorpenak fintzen. Fermin Lazkano IMHko Berrikuntzarako Tkgune Fabrikazio sareko zuzendaria da.
Enpresa munduaren euskalduntzea, oraindik moteltzen ez dela hasi baina hasiko dela diozu. Zergatik diozu hori, duela ez hainbeste jorratzen hasitako eremua da eta?
Optimismo antzuetan eta ezkorkeria maltzurretan ez erortzeko jakin behar dugu non gauden. Prozesu guztiek daukate euren erritmoa, lehenengo uneetan oso bizkor ibili eta gero moteldu egin daiteke, edo prozesu zailagoak direnean, hasieran, motelago ibil daiteke eta gero klabe batzuk aurkitutakoan bizkortu egiten da prozesua.
Oraindik ere in crescendo goaz, baina iritsiko da puntu bat non zailagoa izango den lorpenak erritmo berean lortzea. Gauza bat gertatzen da. Hasieran, oso garrantzitsua da giroa, gogoa, asmoa, pizgarria, zuzendaritzaren mezua, eta horrek denak eramaten ditu. Leitmotiva ipintzen duzu, denok ukitzen gaitu, eta indar asko biltzen dira une berean horren alde. Norbanakoen erabakien multzoa da hori.
Baina gero iristen da eremu pertsonalaren momentua, norberak hartu behar du erabakia, hurrengo saltoa pertsona jakinek eman behar dute.
Adibide baten bidez azal dezakezu?
Gure esperientzia, hemen. Hasieran kanpainak ziren: "Goazen errotulazioa euskaraz ipintzera!, Goazen tresnak euskaratzera!, inkestak egingo ditugu…", eta ondo zihoan, [erabileraren] kurba gorantz zihoan. Gaur egun trabatuta gaude. Dozena bat pertsonak edo salto egiten dute edo ez dago beste zereginik. Erantzukizuna lokalizatuta dago eta pertsonengan dago, izan euskaldun ala erdaldun, euskaldun guztiek ere ez baitute euskaraz egiten.
Kuadrilla baten nahiak eta ahalmenak elkartzen direnean biderkatu egiten da indarra eta emaitza. Eman dezagun hamar lagun direla, zortzi euskaldun, baina gaztelaniaz egiten dute. Erabakitzen dute, bi horiek ez daudenean, euskaraz jardutea. Zortziek ez dute beteko baina bospaseik igoal bai. Une horretatik aurrera, bat-batean, sekulako saltoa eman dute. Kontua da indar hori noraino iristen den. Sei horietatik batzuk nekatzen hasiko dira, "ahozkoan oso ondo moldatzen gara baina idatzizkoan ez...", trabak agertzen hasten dira, eta hasieran zeuden indarren sabaira ailegatzen gara.
Enpresak sabaiak jotzen ari direla esan nahi duzu?
Sabai bat dagoela konturatzen gara eta zergatik dagoen analizatuko dugu. Demagun idatzizkoan trebezia nahikoa ez daukagulako dela, "hi, ikastaro bat egingo diagu alfabetatzeko, astean lau orduz euskaltegian, enpresak ordainduta". Horrek beste bultzakada bat ematen du, eta hurrengo saltoa hasten da, baina horrek ere bere sabaia du. Sabaiak hautsiz goaz, eta bakoitzak du hausteko bere klabea.
Horregatik diot, 90eko hamarkadan hasi ginen enpresa mundua euskalduntzen. Asko egin duten enpresak hasiak dira beren sabaietara iristen. 2003an egin genuen lehenengo euskara plana guk eta ikusi dugu zein den gure sabaitxoa. Berdintsu ari da gertatzen beste hainbat tokitan.
Sabaiak sabai, lorpenak estatistikoki neurtu behar direla diozu eta halako gutxi egiten dela enpresen euskalduntzean.
Antzeko enpresetan, bata %70 euskalduntzera iritsi da eta bestea %40an geratu da. Eragileen (pertsonak eta tresnak) arteko konbinazioak aztertzen badituzu, konturatuko zara emaitza hobeak ezin zirela lortu. Arrakastatsuagoa izan daiteke %40ra iritsi den enpresa %80ra iritsi dena baino, zeren aurrez badakizu zein den bakoitzaren potentzialitatea. Hori da nire tesiaren muina.
Zehaztu ezazu gehiago zure tesia, alegia, azal iezaguzu norbanakoa-tresna-lankidea-bezeroa formula.
Lehenik, langilea dago. Horrek erabaki behar du euskaraz ala gaztelaniaz jardungo duen. Bigarrenik, hark lankideekin duen harremana dago. Hirugarrenik, kanpokoekin, hau da, bezeroekin duen harremana. Laugarrenik, langilearen eta tresnen [ordenadore, kontrol numeriko...] arteko harremana. Tresnak, gero eta gehiago, langileen bitartekariak dira.
Tresnak zein hizkuntzatan hitz egiten duen zenbateraino eragiten du langilearen hizkuntza erabileran?
Lehengo egunean, tailerrean, zenbakizko kontrol makina batera joan nintzen eta konturatu nintzen gaztelaniaz zegoela. Fagorrena da eta euskarazko bertsioa badu. Azpeitiko ikasle batzuk zeuden han eta esan nien ARGIAkoak zentoztela argazkia ateratzera eta euskarazkoa jartzera nindoala. "Euskaraz dago ala?". Ez zekiten. Euskarazko bertsioa erabili izan balute programazio hizkera euskaraz erabiliko lukete, baina gaztelaniaz egonda gaztelaniaz egiteko joera dute. Horrek izugarri baldintzatzen du.
Zergatik esaten duzu izugarri baldintzatzen duela?
Kalkulu-orri batean idazten baldin badut eta aginduak euskaraz baldin badaude, ezagutzen dut "errenkada", "batez bestea", "bariantza"... hitz mordo bat. Makinari esker hitz horiek erabiltzen ohitu egiten zara eta gero hizketaldi tekniko bat oso erraz abiatzen duzu. Baina "archivo-copiar-pegar…" badauzkazu, horretaz ari zarenean segituan joko duzu gaztelaniara.
Industrian beste hainbeste?
Hiztegi teknikoak pisu handia izan dezake. Danobatek makina erremintako bere hiztegi teknikoaren bizpahiru bertsio eginak ditu. Tafallako Fagor Ederlanek langile guztiei banatu die bere hiztegi teknikoa. Horrek errazten du hizketaldia euskaraz. Zertaz hitz egiten da tailerrean, kuadrillan edo familian hitz egiten den gauzez? Ez, laneko gauzez ari zara, gauza teknikoez: ximurdura, artezketa…
Erdibidean doanak, euskaldun berriak, baina euskaraz aritzeko nahikoa tresna duenak, kezkatzen nau. Aitzakia erraza da hiztegi teknikoa menperatzen ez duzulako gaztelaniara jotzea. Hiztegia edukita, aitzakia eta arrazoia (ez baita aitzakia bakarrik) ezabatzen dituzu. Nahi duena ohitu egiten da, eta bat-batean konturatzen da tailerrean gai tekniko batzuez euskaraz ari dela. Gero ez du bada egingo kalean ere euskaraz, askoz errazagoa den inguru batean! Eragina izugarria da. Uste badugu, uste izan dugun bezala, kaleetako seinaleak euskaraz ipintzea garrantzitsua dela, ez ote da gutxienez beste hainbeste izango lantokian lanari buruzko hitzak euskaraz edukitzea?
Horrek guztiak garrantzia du, pertsonaren erabakia aldarazten duelako.
Hainbesteraino?
Niretzat bai. Euskaraz ala gaztelaniaz jardun, klik bat da. Baliteke bi-hiru urte pasatzea euskaraz egitea erabaki duzunetik hasten zaren arte, baina erabakia instantaneoa izaten da. Erabaki horiek oso potenteak dira, horretara eramaten duen guztiak balio du, giroak, hizkuntza paisaiak, lagunak zer esaten dion, entzuten den musikak, lankide bat etortzea eta esatea, "zu gai zara word euskaraz erabiltzeko, ipiniko dizut?". Agian ordurako euskaraz hasteko erabakia hartua du.
Zuk diozu kontu zehatzak atera behar direla, lankideen arteko harremanen maiztasunak, lankideen eta tresnen artekoak, eta tresnak lankideen bitartekari direla.
Adibide bat jarriko dut. Enpresa batek lanpostu baterako deialdia egin du eta azterketan aurrena geratu dena fenomeno bat da, baina ez du euskara menperatzen, motel dabil. Zer egin? Pentsa dezagun ardura postu baterako kontratatu nahi dutela. Zenbatu dezagun bere taldeko lankide kopurua, eta jakingo dugu zenbat erlazio edukiko dituen egunero lankideekin. Eman dezagun zuzendaritzan dagoela, kalkulatu zenbat bilera egin beharko lituzkeen. Langile berria kontratatu aurretik erabilera hainbestekoa da, eta lanean hasten bada, egindako kalkuluen arabera jaitsiera halakoa. Prest dago enpresa jaitsiera hori izateko?
Horixe da zure aldarrikapena.
Euskara planek horrantz izan behar dute eboluzioa, kalkulu estatistikoak integratzea behar dute. Adibide bat ematearren, euskaraz dakien langile eta euskaraz daukazun tresneria kopuruaren arabera gerta liteke lantoki batean euskararen erabileraren goia %30 izatea. Hor dago Txillardegiren analisi matematikoa [Elebidun Gizarteen Azterketa Matematikoa]: euskaldunak hainbeste, erdaldunak horrenbeste, haien arteko konbinazioak egin eta gehienez hainbeste egingo dute euskaraz. Hori bera aplikatzea euskara planei.
Sekulako garrantzia ematen diogu motibazioari eta abarri, eta eman behar zaio, ez nago batere kontra, baina ahaztu egiten ditugu alderdi kuantitatibo hutsak direnak, estatistikoak. Hori da nire aldarrikapena. Potentzia galtzen ari gara euskara planetan. Hori edukita, agian, hainbat sabai gainditu ahal izango genituzke.
Eusko Jaurlaritza tresneria euskaraz eskaintzen apal ari dela diozu. Egindakoa gutxi eta dagoenaren berri enpresengana ez da heltzen. Zer eskatzen diozu administrazioari?
Goazen esatera egiten diren gauzak. Ofimatikako programak, pluginak eta abar www.euskadi.net-en argitaratzen dira. Ondo dago, egiten dira gauzak. Lehen baino askoz gehiago.
Fagorrek SAP ERP erabiltzen du. Multinazional alemanak enpresen kudeaketa orokorrerako sortutako softwarea da. Munduan gehien erabiltzen dena da. Enpresako ordenadore guztietan egoten da, tailerretan, bulegoetan, Berlinen saltzen ari den haren sakelakoan, zuzendaritzako erabakiak hartzeko… Badira modulu batzuk euskaratuta, baina publikoki eskuratzen oso zailak dira.
Fagorrek badu makinak maneiatzeko zenbakizko kontrol programa euskaraz.Fagorrekoek beraiek esan ohi dute hamaika tokitan euskaraz ari direla hizketan eta trastea ez dutela euskaraz ipintzen.
Bigarren akatsa eguneraketak dira. Microsoft Office, eta abar. Konprenitzen dut lan izugarria dagoela eta bizkor egin behar direla, konprenitzen dut garestia dela. Konprenitzen dut, baina ez dut onartzen. Librezale moduko elkarteak ari dira borondatez euskaratzen. Demontre, horiek egin behar dute? Eusko Jaurlaritzak lideratu dezala! Goazen denon artean erabakitzera nondik abiatuko garen, eta denak horretara jarriko gara. Bitartean eskerrak Librezale moduko elkarteak dauden. | news |
argia-740da3e20476 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/ongi-etorri.html | Ongi etorri | Estitxu Garai Artetxe | 2016-03-13 | Ongi etorri
Ongi etorri herri galdeketei. Gure Esku Dagok 2018ra bitartean ahalik eta herri eta eskualde gehienetan independentziari buruzko galdeketak egingo dituela iragarri du. Etxarri Aranatz eta Arrankudiaga izan ziren lehenengoak; arrakastatsuak, inondik ere. Parte-hartze altua izan zuten (%42,7 eta %61,5 hurrenez hurren). Erreferentzia gisa, Katalunian kontsulten birari hasiera eman zion Arenys de Munt herrian %41ekoa izan zen. Gerora etorri ziren gainerako galdeketen parte-hartzea puskaz txikiagoa izan zen, %20koa batez beste. Datu horiek ondo datozkigu kokatzeko, ehunekoek askotan marro egiten baitigute. Sinbolikoki bada ere, milaka herritarrek aukera izango dute urte luzez amestu eta borrokatu duten ariketa egiteko, alegia, Euskal Herriaren etorkizun politikoari buruz bere iritzia libre eta demokratikoki emateko. Badu bere munta, ariketa bera herri mobilizaziorako tresna aparta izan baitaiteke. Behin herritarrek publikoki erabaki nahi dutela irudikatzen dutenean, ez dago hori geldituko duenik. Urrats txiki bat eman eta gero, hartutako norabide horretan sakontzeko joera dugu pertsonok.
Azken Soziometroaren arabera, duela lau urte EH Bilduren emaitzek agertoki politikoari astindua eman zioten bezalaxe, oraingoan ere aldaketa nabarmenak etor litezke
Ongi etorri EAEko hauteskunde autonomikoei ere . Alderdiak hasi dira hautagaiak aurkezten eta demoskopia ere jarri da zita garrantzitsu horri begira. Azken Soziometroaren arabera, duela lau urte EH Bilduren emaitzek agertoki politikoari astindua eman zioten bezalaxe, oraingoan ere aldaketa nabarmenak etor litezke. EAJk nahiko ondo eutsiko lioke Ahal Duguren boto-hozkadari, baina besterik da gobernua osatzea. Estreinakoz, posible izan liteke ezkerreko indarrak batu eta agintea hartzeko akordioa osatzea. Emaitza hori izango balitz, gakoetako bat zentraltasun politikoan egongo litzateke: elkarrizketetarako ardatza nork eta non ezarriko duen. Badirudi tenore hori EH Bildurentzat egokia izan daitekeela, Ahal Dugurekin alor soziala eta EAJrekin abertzaletasuna partekatzen baititu. Hala ere, jakina da EAJ ondo mugitzen dela horrelako dantzaleku labainkor eta aldakorretan –bat bi, ezker eskuin, autonomista independentista– eta egoeraren lema hartzen ahaleginduko dela. Ahal Duguren swing a ez dugu ezagutzen, ez eta Madriletik tango estuan lotuko duten ala ez. Irudi lezake inkestak inkesta direla eta dantzarako benetako akordeak ezagutzeko hauteskunde gauera arte itxaron beharko dugula, baina, orain arteko mugimenduak ikusita, litekeena da kanpaina osoa parametro horietan ardaztea.
Ongi etorri, Arnaldo Otegi . Inor gutxi ausartuko da ukatzen euskal politikagintzari ekarpen nabarmena egin dion pertsona dela eta aurrerantzean ere zer esan handia emango duela. Bere egitekoa zein izango den, alabaina, ez dago argi, berezkoa duen baikortasun eta karisma beharrezkoa izan baitaiteke bai barnean bai kanpo mailan. Batetik, Abian eztabaidaren bidez hausnarketa estrategikoan buru-belarri murgilduta dagoen ezker abertzalearentzat, barne-kohesiorako eta borrokako grina eta kemena suspertzeko akuilu izan daiteke, eta horretara bidera ditzake indarrak. Bestetik, Espainiako hauteskunde orokorretarako emaitzek erakutsi dute kanpo-komunikazioan eta hautesleriaren aktibazioan ere EH Bilduk premia bizia duela. Komunikazioari dagokionez, ezker abertzaleak historikoki beti eduki du gaitasuna eztabaida politikoan marko kontzeptual propioak txertatzeko eta herritarrok gure egin ditugun terminoak plazaratzeko. Bada, azken aldian, mass media ren bultzadak lagunduta, aurkari gogorra irten zaio Madril aldetik. EH Bilduk Podemosekin duen norgehiagokan giltzarria zera da: independentzia izatea beste eredu sozial eta ekonomiko baten alde egiten dutenen apustua eta, hortaz, EH Bildu izatea herritarron burujabetza sozialerako tresna. Horren ardura Otegiren bizkar gainera botatzea lar izango litzateke, baina aintzat hartzekoa da zenbaitetan aski dela pieza bat gaizki jartzea tetris aren osaketan kale egiteko. EH Bilduren oinarri sozialek eta Arnaldo Otegik berak hausnartu beharreko kontuak dira. | news |
argia-9d0bd59b7328 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/eskubideen-karta.html | Eskubideen karta | Angel Erro | 2016-03-13 | Eskubideen karta
Neure buruari aitortzen dizkiodan eskubideen karta. Burlatan emana, 2016ko otsailaren 29an.
1. Neure buruari aitortzen diodan lehen eskubidea neure buruari nahi adina eskubide aitortzeko ahalmen ezin kenduzkoan datza. Ahalmen edo askatasun hau besteena hasten den tokian amaitu ez, eten baino ez da egiten, aldizkakotasunak ez baitakar mugagabetasunaren ukoa.
2. Neure buruaren defentsan, edota edertasunarenean, gezur esateko eskubidea niretzat hartzen dut, are errima egitekoa ere, beste irtenbiderik ezean.
3. Betiere eskubide ezin ukatuzkoa hartzen dut:
a) Irratia amatatzeko.
b) Liburu bat amaitu gabe uzteko.
c) Zutabegile bat gehiagotan ez irakurtzeko.
d) Festa bat abandonatzeko.
e) Olerki bati hastio hartzeko.
f) Pentsalari bat seriotan ez hartzeko.
g) Solasa ahalik eta azkarren eteteko.
h) Neure buruaz beste egiteko.
i) Zerrenda bat amaitu gabe uzteko.
(Norbaitek / Egileak / Ø)
a) Ezjakintasunaren apologia egiten duenean.
b) Aspertzen naizenean.
c) Hirutan jarraian gai berbera jorratzen duenean.
d) Buruko mina eragiten badit.
e) Gauzak oso argi dituenean (eta, zer esanik ez, ni hartaratzeko gogo agerikoa duenean).
f) Bera partaide duen taldekoa ez balitz bezala diharduenean.
g) Talde gutxitu, baztertu, zapaldu batekiko nagusitasun jarrera erakusten badu.
h) Merezi ez duenean.
i) Aipu segida ia landu gabea botatzen duenean.
j) Ez badut tutik ere ulertzen.
k) Atzerriko hizkuntza guztiak ingelesaren maneran ahoskatzen baditu.
l) Nutella nahiago badu.
m) XIX. mendea baino lehenagoko ezer gutxi interesatzen zaiola esaten badu.
n) XIX. mendearen ondorengoko ezer gutxi interesatzen zaiola esaten badu.
o) Gose banago.
p) Kultura orokorreko ezagutza ertainak xeheki azaltzen badu, munduari berak azalduko balizkio bezala.
(Atal honetan aipatu eskubideek eta baldintzek ez dute hurrenkera berezirik, eta beraz, elkarrekiko edozein lotura edo bat ere ez egin dezake eskubidedun subjektuak)
4. Gaurtik aurrera badut une bakoitzean nagoen herrialdeko herritarra izateko eskubidea. Modu berean, neure buruari ematen diot une bakoitzean irakurtzen ari naizen liburuaren egilearen herrialdeko eta garaiko herritarra izateko eskubidea (eleberri historikoak salbuetsita gelditzen dira).
5. Neure buruari aitortzen dizkiodan bestelako eskubideen artean hauek ere badaude:
a) Emakumeei ateetan edo eskaileretan igotzean lehenago pasatzen uztekoa, mikromatxismoagatik, eta gauza bera gizonezkoei, ez guztiei, lizunkeriagatik.
b) Gauza guztien gainean iritzi osatua ez izatekoa.
c) Mundua, halere, aldatzen saiatzekoa.
d) Topikoak betetzekoa.
e) Nire lagunen etsai eta ez ikusiak ez konpartitzekoa.
f) Ordu oro ergatibo bat huts egitekoa.
g) Txukuna ez izatekoa.
h) Txakurrei eta nirekin erdaraz egiten duten guraso euskaldunen seme-alabei euskaraz ez hitz egitekoa.
i) Originala ez izatekoa. | news |
argia-fd5f50bfbbb5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/poza.html | Poza | Montserrat Auzmendi del Solar | 2016-03-13 | Poza
Orain dela egun batzuk entzun nuen Krystian Zimmermann piano joleari egindako elkarrizketa interesgarri bat eta, beste kontu askoren artean bat nentorren zerbait esan zuen: "Taula gainean musika egiten denean inporta duena poza sentitzea dela; edo, hobeto esanda, musikarien artean alaitasuna sentitzen denean hori transmititu egiten dela eta horrek egiten duela benetan on interpretazio bat (kalitate minimo bat suposatzen da, noski)".
Esaldi horretaz gogoratu nintzen joan den ostiralean Donostian antzeztutako La traviata opera entzun nuenean. Opus Lirica izeneko elkartea esfortzu ikaragarria egiten ari da Donostian operari bultzada emateko eta opera denboraldi bat sorrarazteko. Ez da gauza erraza, batez ere finantzazio ederra behar delako horretarako. Baina pixkanaka ari dira, baita ekimen interesgarriak eskaintzen ere. Aldi honetan, Verdiren titulu famatu honen bertsio benetan "pozgarria" egin zuten. Baliabide eskasak dituzte, adibidez, begi-bistan zegoen zein pobrea zen dekoratua, baina hala eta guztiz ere, ikuskizun duin eta adoretsua egin zuten. Batez ere, eszenarioan zeuden artista guztien arteko pasioa agerikoa izan zen, eta "poza" berriz, kutsakorra. Matteo Mezzaro tenorea, Alfredoren rolean, ahots politekoa baina teknika kaskarrekoa, Paolo Gavanelli baritonoa, Giorgio Germont egiten zuena, ahots ilun eta hautseztatuarekin ez ziren nahikoa izan espektakulua izorratzeko. Ez. Publikoa txundituta geratu zen. Hori da alaitasun musikalaren magia.
Hori bai, Ainhoa Garmendiak Violetta Valéry ederra egin zuen. Aspaldi honetan entzun gabe nuen, eta aitortu behar da soprano ederra dela, teknika landua duela, eta alde interpretatibotik oso konbentzigarria izan zen. Oso ondo mugitu zen taula gainean eta aria akatsgabeak egin zituen: Amami Alfredo edo Aria di Violetta , gozagarriak, esate baterako.
Beste abeslariak, hortxe. Ondo. Opus Lirica orkestrak, Andrea Albertinen zuzendaritzapean, duintasunez bete zuen bere papera. Bestalde, oso sinpatikoa izan zen dantzarien taldea, Nafarroako Dantza Eskolakoa, eta oso berezia torero bizkaitarraren irudikapena, aurresku dantzaria bezala. Bitxia. Orokorrean, merezi izan zuen saioak. Segi aurrera! | news |
argia-f89731556520 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/begona-yarza-medikua.html | "Iruditzen zitzaidan Txile ahanzten banuen Pinochetek irabazia zuela borroka" | Miel Anjel Elustondo | 2016-03-13 | "Iruditzen zitzaidan Txile ahanzten banuen Pinochetek irabazia zuela borroka"
Txiletik datorrela esan digute, Kuban hazia dela Salvador Allende hilez geroko garaian, mediku dela, hainbat aldaketa iraultzaile eginak dituela zuzentzen duen ospitalean… Hariari jarraiki gatzaizkio, galdezka, putzu sakonean sartu garen arte.
Ez duzu lehenengo bisita arbasoen herrira.
Ez. 1999an etorri nintzen lehenbizikoz, etxean aditutakoak eraginda. 1820an Oñatiko Altzin baserriko Manuel Yarza Balenzategik Txilera emigratu eta Polanco probintziako Minas hirian kokatu zen. Handik hogei urtera, bera bezain emigrante Josefa Lasarte Askoberetarekin, Oronozkoa, ezkondu zen. Haiek atzera Oñatira bidali zuten Tomas birraitona, hemen ezkondu zedin. Zortzi seme-alaba izan zituzten: bost neskak hemen gelditu ziren; eta hiru semeak, aldiz, Ameriketara bidali zituzten, bateko soldadutza eta besteko gerra zirela.
Migrazio historia ohikoa.
Migrazio historia horrekin batera, ordea, gure etxean bazen besterik: familia oso harro zegoen euskal jatorriaz. Zenbait izateko modu jatorriari egozten zitzaizkion. Inor etxean oso ekina baldin bazen, "Ez alferrik da euskalduna!", esango zuten. Inor astazakil xamarra baldin bazen, berdin. Legendak ere baziren etxean. Zioten, aitari zulo bat egiteko agindu ziotela behin, hasi zela zuloginean, eta azkenean lanari uzteko esan behar izan ziotela, baina ordurako zuloa zulokotetzar handia zela. Bi gauza horiek, beraz: indarra, batetik, eta lanean gogor jarduteko ahalmena, bestetik, euskaldunari berezko zitzaizkionak, inondik ere. Baziren, gainera, zenbait hitz aitaitak erabiltzen zituenak, hemengo berbak... Aitaita hura maitagarria zen nirekin. 1971n hemen izan zenean…
Aitaita?
Bai, aitaita Simon hemen izan zen 1971n, eta itzuleran, bilobatan niri beste inori ez zion erregaloa eraman; eta 30 biloba ere bazituen. Bazen loturarik gu bion artean, eta partez, haren istorio-historiak aditzen nituelako zela esango nuke. Ezpata-dantzari izan zela esaten zidan, eta 70 urte baino gehiago zenean ere, alde batera eta bestera jauzika jarduten zuen, dantzaria izana zela niri erakusteko. Kontatzen zuten, gainera, Simon eta anaiak oso ekintzaileak zirela, gauzak egin zaleak, eta oinetako tailer txiki bat ireki zutela, La bota verde. Gero, tailerra handitu eta fabrika egin zuten, Yarman izena harturik. "Yar", Yarzarena, eta "Man", gizon , ingelesetik. Arrakasta handiko industria. Dena dela, hor bada jakingarririk. Osaba Eladiok fundatu zuen, eta lehenbiziko langileak kontratatu zituenean, denak bildu eta sindikatua osatzeko eskatu omen zien, on egingo ziela-eta.
Ez dago gaizki esana. Hemen kontrako haizeak jotzen duela dirudi.
Sindikatuak, ordea, biltokia behar izaten du, eta osabak biltokia eraiki zuen, kirol-zentroa, emakumeentzako txokoa… iragan mendearen hasieran. Alegia, garai hartan ohiko ez zen pentsamoldea zuen osaba Eladiok. Arrakasta handiko gertatu zen, hala industriari, nola langileekiko harremanari dagokionez. Fabrika hartan langile izandakoak ezagutu izan ditut, ezagutu izan naute, eta miresmena baino ez dut jaso: "Yarzatarra zu? Eladio, Julian, Simon… Haiek ziren, haiek!". Harrotzeko arrazoirik ez zait falta.
Ari zara, zeure familiaz ari ere. Baina ez dezagun zeure burua ahaztu. Nor dugu Begoña Yarza?
Mediku pediatra naiz, intentsibista –zaintza intentsiboak dut espezialitatea–, eta 2000. urteaz gero osasun publikoan eta gizarte osasunaren kudeaketan prestatu nintzen, eta horretan naiz harrezkero, Txileko ospitale batean, zuzendari. Besterik? Begoña Yarza Sáez naiz, 1966an Rengon (Txile) jaioa. Izen maputxea duzu Rengo. Zazpi urte arte bizi izan nintzen han. Gero, zerutik jakina da, Pinocheten estatu kolpea etorri zen, eta lekua hustu beharra izan zuen gure familiak.
Oraintxe jo duzu iltzea buruan. Pinocheten kolpeak kolpatu zintuzten.
1973an hil zuten Salvador Allende. Nik sei urte nituen, baina konturatu nintzen, konturatu nintzenez. Aita Rengoko alkatea nuen, Alderdi Sozialistako militante eta buruzagi herrian, eta preso hartu zuten. Ohiko epaiketa edo showa, "aberriaren kontra jarduteagatik…", eta hau eta hura, militarren erretolika, eta hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten, kontzentrazio-esparru batean betetzekoak. Alabaina, gure ama ez zen geldirik egotekoa, Ebro eta Garate nahastu zituen, hitz egin zuen Acnur, NBE, eta gisako erakundeekin eta gure aitari kartzela zigorra konmutatzea lortu zuen. Ordainetan, erbesteratu egin zuten, eta 1974an Txiletik aire! egin genuen berarekin batera: aita, ama, ahizpa nagusia –Anjela Aloña du izena, Oñatiko mendiarengatik–, neba Simon eta bostok. 24 ordu eman zizkiguten herrialdetik irten gintezen, eta Argentinara jo genuen, ondoan dugulako. Aita preso eduki zuten kartzelako militarrak ez zeuden bera libre uzteko zeharo konforme, nonbait, eta nortasun kartilaren lehen orria txikitu zioten.
Izena ageri zuen orria.
Izena, sinadura eta gainerako jakingarri denak. Aireportura joan, eta ez zioten irteten uzten, baliozko agiririk ez zuelako. Air France konpainiarekin joatekoak ginen, eta bidaia-txartelak erosiak genituen. Mugazainek iragaten uzten ez, ordea. Ordu bat eta hogei minutu eduki gintuzten han, eta ordu bat eta hogei minutu egon zen gure zain Air France-ko kapitaina. Gu –ama–, urduri eta artega, eta hegazkineko kapitaina, berriz, aldiro gure amari lasai egoteko esanez, aitaren zain egongo zirela. Halako batean, irteten utzi ziguten. Etxeko txikiena nintzen, eta aitaren eskutik helduta sartu nintzen hegazkinera. Sartu orduko, Air Franceko kapitainak gure aitari: "Simon jauna, hegazkinean zaude, Frantziako lurra zapaltzen ari zara, faxismotik libre den lurra. Beraz, gizon librea zara hemen. Guretzat, heroi hutsa zara!".
"Maputxe elkarteko bat dugu ospitaleko harreran, maputxerik etortzen baldin bada hura behar bezala laguntzeko. Eta lehen bere jatorria aitortzen ez zigun maputxeak orain aitortzeko ezinik ez du".
[Hunkiturik dago, malkoak ageri]
Hainbat hilabetetan estreinakoz baten batzuek ondo hartu zuten gure aita. Lehenengo klasean jarri gintuzten, guk ordaindu gaberik, eta txokolatinak eta zirenak eta ez zirenak eman zizkiguten. Aitak itxura penagarria zuen. Plastikozko poltsa bat zuen eskuan; barruan, kartzelan eduki zuen gauza bakarra: toalla bat. Gainerakoan, agure xaharra ematen zuen, eta ez zuen 40 urte ere. Inoiz ez da orduan bezain zaharra izan, ez hortzik, ileurdin, argal… Argentinara heldu ginen, baina aitak agiririk ez, eta atzera Txilera bidali nahi zuten. Baina halabeharra zer den, giza eskubideen aldeko abokatu talde bat zegoen han, baten baten zain, inondik ere, eta tartean sartu ziren, guri laguntzera. Eta sartzen utzi ziguten, baina emigraziokoek agiriak kendu zizkiguten; denoi.
Buenos Airesen?
Bai, Buenos Airesen, batere agiririk gabe, eta agiririk gabe ez ziguten hoteletan ostatatzen utzi. Peronen bigarren aroa zen Argentinan, militarrekin bat eginda zebilen garaia. Gu, txiletarrak, ez ginen ongi etorriak. Azkenean, apaizgaitegi batean gertatu ginen, Buenos Aires erdian. Baina aitak ez zuen atertzen handik alde egin behar genuela esanez. Izan ere, han zen Juan Jose Torres ere, Boliviako presidente ohia, haren kontra estatu kolpea joa zuten urtebete lehenago. Han zen Torres, beraz, bizkartzain eta guzti. Egun batean, lehergailua jarri zioten apaizgaitegiaren atarian, gu bertan ginela. Akabatu egin zuten, jakina. Aita, orduan eta konbentzituago: "Goazen hemendik!". Eta erromesaldiari ekin genion, eta hirugarren ez, laugarren mailako ostatuetan sartu ginen, non agiririk ez baitzuten eskatzen. Hantxe bizi izan ginen aldi batez. Gogoan dut polizia sekretua ostatura etorri izan zela, txiletar bila. Aita –aktore hutsa da!–, argentinarren modura hitz egiten hasi zen, bateko River [Plate] eta besteko Boca [Juniors], eta ama, bitartean, isilik. Ni, aldiz, dutxara bidali ninduten ahizparekin batera, isilik egon nadin. Neba, ezkutatuta.
Zer dela-eta zebiltzan Argentinako sekretak txiletar bila?
Gerora jakin dugu. Hala Argentinako nola Txileko polizia eta paramilitarrek Condor plana zuten eskuartean, txiletarrak bahitzeko eta beste. Oso garai arraroa izan zen, kalera irteten ere ez ginela, gauez etxadiari egiten genion ordubeteko osteratxoa izan ezik. Baina horrela ez zegoen bizitzerik eta enbaxada batera eta bestera jo zuen, asilo eske. Suediakoak, bi hilabeteko epean agindu zizkion agiriak. Kanadakoak, hainbat denbora. Kubakoak, hamabost egun. Identidad y tránsito cubano . Ez zen pasaportea, berez, baina nola-halako agiria, identifikagarria. Eta Kubara joan ginen 1974an, zortzi urte nituela. Hantxe izan ginen hamasei urtez.
Kuban egin zenuen gaztetako bizimodua, hortaz.
Bai… Zoragarria iruditu zitzaidan Kuba. Harrezkero ez zait herrialde arrotza. Zoriontsu izan naiz han izan naizenetan. Eguraldi beroa gustatzen zait, hezetasuna, goizetik arrats jendea barrez ikustea… Hain da erraza Kuban bizitzea! Gaztaro zoragarria izan nuen han. Ikasleen artean eskolako burua izan nintzen, ikasleen federazioko presidentea eta hau eta hura. Ikasgelakoak nazkatu ere nituen. Norbait bisitan etortzen zenean, lema bat esan beharra zegoen. Nireak zera zioen: "El pueblo chileno…" hasten nintzen ni esaten, eta nire kideek erantzun behar izaten zuten: "…aplastará el fascismo" . Pinochetena, alegia. Kuban bizi nintzen, kubatar, baina, aldi berean, Txile nuen gogoan. Iruditzen zitzaidan Txile ahanzten banuen Pinochetek eta haren zaleek irabazia zutela borroka.
Zer diozu Kubako kontraesanen gainean?
Kuba beti izan da horrelakoa. Kubako iraultza kritikatzen dutenak ere –Kuba barrutik, ez Miamitik–, iraultzaile hutsak dira. Gehiago ireki behar duela, demokrazia handiagoa izan behar dela… bai, ados, prozesua hobetu behar da, baina ezkerretik. Okerrak egin dituztela, dudarik ez, kritika etengabekoa izan da. Prozesuak bihurriak dira, ez dira zuri ez beltz, eta iraultza bizirik dago, eta Miamira joan diren kubatarrek ere Kubako estandarrak eskatzen dizkiote AEBetako gobernuari: osasun-sistema unibertsala, adibidez. Miamin daude, baina sozialismotik ari dira, ez eredu neoliberaletik. Kubatik irten direnak ere ezkerreko ondarearen jabe dira.
Hamasei urte eta gero, Txilera itzuli zinen 1990ean.
Bai. Demokrazia berrezarri zutenean. Lehenengo, ni joan nintzen, bidea urratzera. Banekien niri errazago gertatuko zitzaidala aitari baino, ordurako 60 urtetsu izango baitzituen. Itzuli nintzen, Kubako medikuntza ikasketak balioztatu nituen, eta lanean hasi nintzen Santiagon [Txile], zerbitzari eta denetarik. Salsa irakasle ere jardun nuen, Kuban trebatu bainintzen dantzan. Sosik ere bildu nuen hortik. Horrela, familiaren itzulera prestatzeari lotu nintzaion, etxe bat errentatu nuen, hura egokitu… gurasoak etortzen zirenean gustura izan zitezen nahi nuen.
Eta zein da zuen familiaren itzuleraren historia?
Aitari gertatu zitzaion gogorren. Dena dela, Santiagora etorri ziren, eta hura ez zen beraren mundua. Aldiz, Rengora itzuli zenean itzuli zen aita Txilera. Artean herria zen Rengo, han zituen aitak adiskideak, han historia… Alderdi sozialistan militatzen hasi zen berriro, zinegotzi hautatu zuten. Gazteek egin zioten kanpaina, erbestetik etorria gure aita Simon, heroitzat hartu zuten gazte haiek. On egin zion konbinazioak.
Eta zure historia?
Santiagon geratu nintzen lanean, pediatra.
Berrikuntza ederrik egina duzu Exequiel González Cortés ospitalean. Bertako zuzendari zara joan deneko hamasei urtean.
Tira… Modernitateak baliabideen kudeaketa agintzen du. Ospitalea organizazio bat da, zerbitzu-enpresa, eta hor, pertsonak dira gauza baliotsuena. "Giza baliabideak" dio administrazioak. Zer da "giza baliabidea", ordea? Pertsonak! Eta halaxe esan beharko litzateke: "pertsonak". Eta ez dira pertsonak huts, pertsonak, bata bestearekiko harremanean baizik. Ospitalea komunitate bat da –herria edo auzoa diren bezala–, eta haren helburu da pertsonen osasuna hobetzea: pertsonak dira helburu, gaixoak eta haien senideak. Elkarrizketa da inportanteena. Endoskopiak egiteko abilezia teknikoa izatea ez da dena, endoskopiak egiten dituen horren barnea zaindu behar da, bere egitekoa hobeto egingo baitu gure organizazioak pertsonatzat hartzen badu.
Eta zer ari zarete ospitalean kulturartekotasuna bultzatzen?
Hor dugu maputxe komunitatea, eta haitiarrak, eta peruarrak… Eta beren organizazioak dituzte. Eta gure ospitaleko komunitatearen eta haien komunitateen arteko harremanak gauzatu ditugu, hau da, Ekintza Migratzailearen Mugimenduarekin. Ez halako eta halako norbanakoarekin, haien organizazioekin baizik. Eta, horrela, maputxe elkarteko bat dugu ospitaleko harreran, maputxerik etortzen baldin bada hura behar bezala laguntzeko. Eta lehen bere jatorria aitortzen ez zigun maputxeak orain aitortzeko ezinik ez du. Maputxeen erritualak ospatzen ditugu ospitalean, haien jai guztiak. Eta berdin egiten dugu haitiarrekin eta perutarrekin. Esperientzia ikaragarria izan da. | news |
argia-4776eda7f69d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/miguel-jara-txertoekiko-ikuspuntu-kritikoa-zabaltzen.html | "Txertoen aurkakotzat jotzen da txertaketei edonolako kritika egiten dien edonor" | Unai Brea | 2016-03-13 | "Txertoen aurkakotzat jotzen da txertaketei edonolako kritika egiten dien edonor"
Madrilen jaio zen 1971n. Azken hamabost urteetan industria farmazeutikoaren jarduna eta sendagaiek eragindako kalteak ikertzeagatik nabarmendu da Miguel Jara kazetaria. Bost liburu kaleratu ditu; horietan azkena, iaz argitaratua, Vacunas, las justas (Txertoak, beharrezkoak baino ez).
Liburuaren izenburuaren ondoan galdera bat ageri da: txerto guztiak dira beharrezkoak, eraginkorrak eta seguruak? Zerorrek erantzun.
Argi dago txerto batzuk beharrezkoak direla, eta horretan bat datoz osasungintzako langile guztiak. Txerto eraginkorrak izan ohi dira, nahiko seguruak… Beste batzuen beharra –azken hamarkadetan merkatuan sartu direnena hain zuzen– zalantzazkoagoa da, azkarregi sartu dira merkatuan, behar bezain ondo ikertu gabe, eta ondorioz ezbaian daude haien eraginkortasuna eta segurtasuna. Baina mezu orokorregiak ematen dira txertoen inguruan: begi onez ikusten dituztenen ustez, txerto guztiak dira onak; eta alderantziz. Nik txertoak banan-banan aztertzeko helburua nuen. Ez dut txertaketa-sistema kritikatu nahi, baina bai irregulartasunak azalerazi.
Batzuen ustez, zure jarrera eta txertoen aurkakoa izatea gauza bera dira.
Erasoak jasotzen ditut etengabe. Gaur egun txertoen aurkakotzat jotzen da txertaketa-sistemei edonolako kritika egiten dien edota edozein txerto zalantzan jartzen duen edonor. Estrategia makurra da, ez dakit oso ondo nork sustatua. Txertoei kritika handitzen denean martxan jartzen da ikuspuntu kritikoa duen oro –zenbait mediku barne– iraintzen eta umiliatzen duen sistema oso bat: txertoen aurkari deitzen zaigu ez garenoi.
Liburuan diozu txertoen arerio txarrenak direla, hain zuzen, haien aldeko mezuan gehien nabarmentzen direnak.
Esaldi horrekin esan nahi dudana da txertaketa-sistemei kalte egiten diona haien inguruko zientifismoa dela, hau da, fundamentalismo zientifikoa; fundamentalismo horrek sustatzen ditu iraina eta umiliazioa, "txertoen aurkako" terminoaren bidez. Txertoen aldeko mezua zentzu komunik gabe eta, kasu askotan, zorroztasun zientifikorik gabe emateak herritar askoren mesfidantza eragiten du. Oraindik gutxiengoa izan arren, handituz doa ikuspuntu kritikoa dutenen kopurua; horiek denak txertoen aurkaritzat jotzen dira.
Medikuek zer jarrera izaten dute?
Gehienek itsu-itsu sinesten dute txertoetan, eta bat etorri ohi dira haien inguruko zientifismoarekin. Mediku asko ez dira izaten sendagaiekin kritikoak, eta beraz txertoekin ere ez.
Hegazti gripearen (2005) eta A gripearen (2009) kasuek eragin handia izan zuten txertoen ospe ona zapuzteko.
Bai, txertoen irudia zikindu zuten. Gainera, bien bitartean, 2007-2008an, papilomaren txertoa ematen hasi zen mundu osoan. Txerto horrek eragindako lehen kalteak 2009an ezagutu ziren, A gripearena gertatzearekin batera. Horrek guztiak eragin zuen herritar askok beren buruei galdetzea ea txerto guztiak perfektuak ote diren, edo kritika merezi duten beste batzuk ere ba ote dauden.
Iragarri duzu papilomaren txertoa aspaldiko eskandalurik handiena izango dela osasungintzaren arloan. Haatik, ez dirudi haren aurkako iritzi-korronte zabala sortu denik; A gripearen kasuan sortu zen bezala, esaterako.
Kontraesana dago herritarrek gaiaz duten interesaren eta eskandaluaren neurriaren artean. Papilomari buruzko bilaketa kopurua asko handitu da interneten, eta gure bufetean kalteagatiko kasu asko daramagu, baina albiste bat daukagunean ia hedabide batek ere ez du aipatzen. Uste dut hedabideetan alarma jo dutela, txertoei buruzko informazio kritikorik ez emateko ohartaraziz, txertaketa sistemari kalte ez egitearren. Baina, lehen esan dudanez, kontrako efektua lortzen da; herritar asko konturatzen dira informazioa ezkutatzen ari dela, eta horrek bultzatzen ditu txerto guztien aurka jartzera.
Hedabideen jarrera aipatu duzunez... Espainiako Estatuko Osasungintzari buruzko Berri-emaileen Elkarteak (ANIS) zabaldutako manifestu batek gomendatzen du txerto batek eragindako kalteaz informatzean, aldi berean txerto guztien beharra aipatzea.
Hala da. Osasungintzako gaietan diharduten kazetari elkarte handiena doktrinatzen ari da Osasun Ministerioari eta laborategiei interesatzen zaien ildoan. Dokumentatu dezaket –epaitegietan haien aurka ari garelako–, ministerioa eta laborategiak batera aritzen direla kontu hauetan.
Ebolaren aurkako txerto aurkitu berria da orain hizpide.
Osasunaren Munduko Erakundeak erraztasun handia eman zien laborategiei 2014an, aurrez A gripearekin egin bezala, txerto hori lehenbailehen aurkitu zezaten. Horrek alde ona du noski, baina alde kritikagarria ere bai: zeren zain egon gara? Ebola 70eko hamarkadatik da ezaguna. Epidemiak gizateria osoari eragingo diola dirudien arte itxaron behar dugu? Bestalde, laborategiei aukera horiek ematea bi ahoko ezpata izan daiteke. A gripearen kasuan eman egin zizkieten, eta eskandalu ekonomikoaz gain, txertoak erreakzio kaltegarriak eragin zituen. Ebolaren kasuan, berdin: laborategi publikoak etengabe txerto berri eraginkor eta seguruen bila aritzea bultzatu beharrean, itxaron egiten dugu epidemia gorenean egon arte sendagai-ekoizpenaren kanon guztiei muzin egin eta konpainiei aukera emateko txertoa arin bai arin egin dezan; denok dakigu txertoak ez direla arinegi egin behar, ez baitago denbora nahikorik haien eraginkortasuna eta segurtasuna neurtzeko. Munduko osasungintza sistema guztiz makurra da, etengabe konpainia farmazeutikoen alde ari da. | news |
argia-bedfba99af5e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/esne-ekoizleak.html | Europako merkatu librean gatibu | Gorka Berasategi | 2016-03-13 | Europako merkatu librean gatibu
Ezagunak zaizkigu irudiak. Esne orbanak zoruan zabaltzen, zisterna kamioietako iturriak irekita dauzkate esne ekoizleek, litro bakoitzeko jasotzen duten prezioa baxuegia dela salatzeko. Keinua esanguratsua da. Hain justu, iturria neurrigabe ireki izana leporatzen baitiote abeltzainek Europar Batasunari. Halako protestak izan ziren iaz, Europak produkzioaren gaineko kuota sistema ezabatu zuenean.Kuoten indargabetzetik urte bat betetzear dela, esnearen prezioak apalegia izaten jarraitzen du eta ekoizleen egoera larriak ez du erantzunik.
Europak kuota sistema alboratu eta esne produkzioa liberalizatzeko beste urrats bat ematea erabaki zuen joan den urteko apirilean. Ustez, mundu mailako eskariari erantzuteko balioko zuen neurriak, merkatu berrietara salto egiteko, baina produkzioaren eta eskariaren arteko desorekak handiegiak izan dira. Kanpo faktoreei dagokienez, Txinak ez du espero zen besteko esne beharrik izan eta Errusiak Europako hainbat produkturi ezarritako betoak kalte egin die esne esportazioei. Europa barruan, berriz, espero zitekeen moduan, ekoizpenak gora egin du. Ondorioz, esne soberakina handitu egin da eta horrek merketu egin du ekoizleek esne litro bakoitzeko jasotzen duten prezioa.Euskal Herriko ekoizle gehienen kasuan, ekoizpen kostuen azpitik dago prezio hori eta egoerak estu hartuta dauka sektorea.
2013-2015 tartean %4,9 handitu da produkzioa EAEn; Nafarroan %15,5. Prezioak, berriz, %11,4 eta %16,5 jaitsi dira hurrenez hurren
Merkatuaren liberalizazio prozesuak azken bi urteetan izan duen eragina jaso du COAG espainiar estatuko ekoizle elkartearen txostenak. 2013ko azarotik 2015eko azarora bitartean, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian produkzioak %4,9 egin du gora. Nafarroan dezente gehiago hazi da ekoizpena:%15,5. Ekoizleei esne litroko ordaintzen zaien prezioa, berriz, %16,5 murriztu da Nafarroan eta %11,4 Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian.
Joerak are nabarmenagoak izan dira Europan. Nahiz eta azken bi urteetan produkzioaren hazkundea batez beste %7koa izan den, Irlandak, esaterako, %29 handitu du esne ekoizpena. Hazkundea %23,4koa izan da Luxenburgon, %16koa Belgikan eta %14,7koa Herbehereetan. Prezioen jaitsierak ere bortitzak izan dira. Batez beste, %23,7 egin dute behera. Alemanian, esne gehien ekoizten duen herrialdean, prezioak %29,5 murriztu dira, eta Belgika, Herbehereak, Lituania, Letonia eta Estonian, aldiz, %30 baino gehiago merketu da esne litroa.
Ekoizle elkarteek salatu dutenez, merkatuaren gaineko kontrola desegiteko urratsak ez dira berriak Europan eta 30 urtez indarrean egon den kuota sistema indargabetzea azken urratsa izan da.
Mixel Berhokoirigoin ELB sindikatuko kide eta Laborantza Ganbarako presidente ohiaren esanetan, "kuota sistema ofizialki duela urte bat desagertu zen baina liberalizazio prozesua abiatua zen lehenago. Europa emeki-emeki sartua zen trantsizio garai batean eta ekoizpen orokorra hiru edo lau urtez emendatu dute". Berhokoirigoinen ustez, Europa merkatua prestatzen aritu da azken urteetan. Batetik, soberakina egotea bultzatu du eta, bestetik, interbentzio publikoa murriztu. Interbentzioaren bidez, Europako erakunde publikoek soberakina erosten dute, produkzioaren zati bat merkatutik erretiratu eta prezioan eragin ahal izateko. Berhokoirigoinek salatu duenez, ordea, "jada hor baziren neurri batzuk hartuak kantitate gutxiago erosteko eta beraz, esnearen prezioa lehendik ere nabarmen jaitsia zen".
EHNE sindikatuak ohartarazi duenez, gaur egun 900 baserri inguruk ekoizten dute esnea Hego Euskal Herrian. 2005ean 2.131 ziren
Azken urteetako politikek arrisku bizian ipini dute baserritar askoren etorkizuna. EHNE sindikatuak ohartarazi du, gaur egun, 900 baserri inguruk ekoizten dutela esnea Hego Euskal Herrian, duela hamar urte baino askoz ere gutxiago. Orduan, 2.100 baserri inguru ziren. Ekoizle kopuruak beheranzko joeran jarraitzen du eta ez da harritzekoa. Esne litro bakoitzeko kostua 0,35 eurokoa den arren, baserritar gehienen kasuan jasotzen duten prezioa kostuaren azpitik dago.
Aringarriak bai, erantzunik ez
Sektorearen krisiak ez du erantzunik jaso Europaren aldetik. Batasunak onartu dituen diru-laguntza politikak ekoizleentzat aringarriak diren arren, ez dira nahikoa izan arazo estrukturalei aurre egiteko. Berdin gertatu da Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak onartu dituzten laguntzekin ere. EHNEko Garikoitz Nazabalen ustez, "Ministerioak laguntza batzuk jarri zituen martxan egoera salbatu ahal izateko eta esan genuen hemen oso baserri gutxira iritsiko zela neurri hori. Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek laguntza batzuk onartu zituzten baina egoerari aurre egiteko benetako aldaketa prezioetan behar da".
Espainiako Gobernuak esnea berriz balorizatzeko akordioa bultzatu zuen sektoreko industria eta distribuzioarekin, joan den udazkenean. Hainbat abeltzain elkartek, tartean EHNEk, ez zuten onartu, ordea. Nazabalen esanetan, "industria eta distribuzioaren betebeharrak borondatearen menpe uzten ditu hitzarmenak eta ekoizleak ez du babes juridikorik. Esan genuen denbora beharko zela ikusteko akordioa zenbateraino betetzen zen eta frogatu da azkenean ondorioak hutsalak izan direla". Akordioa sinatu eta hilabete gutxira, Espainiako Estatuan ugaritu egin dira esne ekoizleen salaketak, industriako hainbat enpresak esnea bildu gabe utzi eta kontratuak errespetatzen ez dituztela eta.
Hego Euskal Herrian, ekoizleen antolaketa kooperatiboaren eraginez, gutxiengo batek pairatzen du industriak kontratuak ez betetzea. Zentzu horretan, Nazabalek adierazi duenez, "distribuzioaren aldetik batzuk behintzat jarrerak lasaitu dituzte". Aldiz, baserritarrek jasotzen dituzten prezioak baxuegiak dira oraindik.
Esne ekoizleek argi dute sektorearen etorkizuna bermatzeko modu bakarra produkzioaren eta prezioaren gaineko esku-hartzea dela
Esne ekoizleek argi dute sektorearen etorkizuna bermatzeko modu bakarra produkzioaren eta prezioaren gaineko esku-hartzea dela. Frantziak joan den urtean esne industria eta distribuzioarekin bideratu zuen akordioa dute hainbat ekoizle elkartek babes politiken eredutzat. Esne litroko gutxienez 0,34 euro ordaintzea adostu zuten sinatzaileek Frantzian, baina ELBko Berhokoirigoinen esanetan, akordioak ez du funtzionatu bi arrazoirengatik. "Batetik, Frantzian ekoizten den esne bolumenaren %15 zen soilik akordio horrekin hunkia. Produktu batzuen inguruko akordioa zen: gurina eta UHT esnea. Beraz, akordio horrek ez du esne produkzio osoaren prezioa baldintzatzen. Beste aldetik, Europan dogma nagusia merkatu librea eta konkurrentzia dira. Europako Komisioak kontsideratu du akordioak konkurrentzia hausten zuela eta inkesta bat abiatua du akordio ilegala izan delakoan".
Bertako babes politiken beharra
Europak esne sektorea merkatuaren esku utzi eta produkzioaren hazkundea sustatzen duela ikusita, EHNEk ezinbestekotzat du EAE eta Nafarroako erakundeek bertako ekoizleentzako babes politikak martxan jartzea.
Joan den urteko udazkenean, sektoreko ekoizle eta industria ordezkariekin bildu ziren Eusko Jaurlaritza batetik, eta Nafarroako Gobernua bestetik, elkarlanerako aukerak aztertzeko. Bi exekutiboek uste dute onura handikoa litzatekeela sektorean akordioa lortzea. Horretarako, Jaurlaritzaren iritziz, lehentasunezko kontua da ekoizleak kooperatibetan antolatu eta transformazio sektorean integratzea. Bestalde, Nafarroako Gobernuaren ustez, posiblea da zenbait babes neurri bultzatzea. Esaterako, bertako esnea erosten duen industriarako laguntzak eskaini, mendialdeko esne ekoizleentzako diru laguntzak onartu, edota ospitale eta eskoletako jantokietan bertako esnea kontsumitzeko hitzarmenak sinatzea.
Nazabalen ustez, esne ekoizlea babesteko, "zikloa bertan itxi behar da, produktua hemen kontsumitu dadila, balio erantsiaren zati bat baserritarrengana iristeko". Izan ere, esnearen balio katean mailarik ahulena ekoizlea da egun. "Batez ere hain produktu galdu errazarekin ari garenean. Azkenean, esnea entregatzen duzu edo kamioitik behera joan behar du". Nazabalek salatu duenez, prezioa kalkulatzeko alderantzizko ariketa egiten da. "Aurrena saltzailearen irabazi tartea, industriarena gero, eta gelditzen denarekin, ganaduzaleari ordaindu. Prozesua ezin da horrela planteatu".
Europak kuota sistema alboratuta, esne soberakina handitu eta prezioa merketu da. Euskal H erriko ekoizle gehienentzat ekoizpen kostuen azpitik dago prezio hori
Dendetan esne litro bat erosten dugun bakoitzeko, baserritarrengana zenbat diru iristen den argitzea nahitaezkoa da Nazabalen iritziz. Prezioen gaineko gardentasuna bermatzeko neurriak eskatu zizkien EHNEk Nafarroako eta EAEko gobernuei. Hala, kontsumitzaileak bere erosketarekin dirua nora bideratzen duen jakingo du. "Kontua ez da erostunek, familiek, prezio altuak ordaintzea. Kontua da inork gehiegizko irabazi marjinik ez aplikatzea eta dirua behar den tokira iristea".
Mixel Berhokoirigoinek ere bertako ekoizleentzako neurrien premia azpimarratu du eta Frantziako Alpeetako eskualdean bultzatu diren neurriak hartu ditu eredutzat. "Behi esne ekoizpena antolatu dute sor-marka baten inguruan, kalitatearen inguruan, araudi zorrotz batekin eta ekoizpen kantitatea mugaturik. Haiek jasotzen duten esne prezioa esne klasikoarena baino %50 gehiagokoa da".
Produkzio eredu industrialean babesik ez dela ikusirik, zenbait ekoizle beste bide batzuk jorratzen ari direla dio Berhokoirigoinek. Salmenta zuzena, esne ekologikoaren ekoizpena edota produkzio eredu ahalik eta autonomoen aldeko apustua dira prezio baxuen lehia ekiditeko hiru bide.
Berhokoirigoinen arabera, erakunde publikoek lagundu egin behar diete sistema intentsifikatutik sistema autonomoagoetara aldatu nahi duten abeltzainei. "Trantsizio horrek bost urte irauten du eta gero beste oreka bat atzematen da, ekonomikoki hobea dena. Hor ematen den dirua ez da debalde".
ARGIAk esne industriaren ikuspuntua ere jaso nahi izan du. Kaikuren eta Iparlaten iritzia biltzen saiatu gara, baina ez dugu lortu.
Europatik zer espero?
Esne ekoizleen aldarrikapenenek eta sektorearen egoera larriak Europako zenbait estatu eraman ditu merkatuaren gaineko esku-hartze neurriak eskatzera. Frantziak, Espainiak, Portugalek eta Italiak interbentzio publikoa indartzeko eskatua diote Europari, ikusirik joan den irailean hartu zituen neurriek ez dutela prezioan nahikoa eraginik izan. Produkzioa murrizteko prest agertzen diren ekoizleei diru-laguntzak ematea ere proposatu du Frantziak eta esne sektorearen behatoki bat sortzea, merkatuaren joeren aurreikuspenak egin eta ekoizpenean soberakinak ekiditeko.
Europatik ezer gutxi espero daiteke, ordea, Garikoitz Nazabalen esanetan. "Nahiago nuke kontrol mekanismoen alde egingo balute, baina kezka sortzen zait TTIPen gisako akordioetan pentsatzen ikusten ditudalako gehiago, nekazaritza kolektibo bateratuaren oinarrietara bueltatzen baino. Une honetan Europaren zain egotea denbora galtzea izango litzatekeela iruditzen zait".
Horregatik, nabarmendu du Nazabalek, Euskal Herriko erakundeetatik bultzatu daitezkeen babes politiketan dago gakoa. "Oso larria litzateke administrazioen partetik esne sektorea distribuzio eta industria jakin batzuen interesen arabera antolatzen uztea. Horrek azkenean, lurralde garapenean eta landa inguruetako errealitatean daukan eragina izugarria baita. Herrietako bizimodua ezin da interes komertzial batzuen arabera antolatu. Lurrarekin lan egin eta landa eremua zaintzen dugunok ezin badugu gure lanetik bizi, landa herrietako bizimodua ere arriskuan egongo da". | news |
argia-714577b9028e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/antzerkia-muxikan.html | Baina hainbeste emakume badago herrian? | Malen Aldalur | 2016-03-13 | Baina hainbeste emakume badago herrian?
Teoria feministak praktikara eraman dituzte antzerkiaren bitartez Muxikan. Ahalduntzea, espazio publikoa okupatzea, elkar ezagutzea, ondo pasatzea, elkarrengandik ikastea eta herria biziberritzea lortu dute, besteak beste, herriko emakumeek. Adin eta modu guztietako 55 emakume elkarlanean, antzezten, gozatzen.
Sarri elkarri bizkarra emanda bizi gara gure herrietan, auzokidea kasik ezagutu gabe. Adinean aurrera egin ahala, gainera, zailagoa izaten da elkarrekin egoteko espazioak aurkitzea. Hala gertatzen da Muxikan (Bizkaia) ere.
Martxoaren 8 batez batu ziren hainbat emakume muxikar bazkari bueltan. Tartean zen Onintza Enbeita eta hark kontatu digu herritarron ekimena. Helburu argia zuten: herrian emakumeen parte-hartzea handitzea. Hasieran, bideo bat grabatzea bururatu zitzaien, baina horrek lan mordoa eskatzeaz gain, bideoan agertzen zirenek proiekzioa ikustetik haratago oihartzunik izango ez zuelakoan, bertan behera geratu zen: "Gero, buruari bi buelta eman genizkion eta gerra garaian kartzelan egondako herriko sei emakume omentzea bururatu zitzaigun". Horrela abiatu zen gaur egun 55 emakume elkarrekin lanean aritzea ahalbidetzen duen ekimena.
Orduerdi iraun zuen ekitaldi txiki bat egin zuten euren alaba eta ilobekin: "Aitzakia horrekin testu batzuk irakurri eta 30 emakumetik gora Izarren hautsa abesten jartzea lortu genuen". Horixe izan zen, beraz, aurrekaria. Gerora, batzarra egin zuten Enbeita bera, asanbladako kideak, Udaleko kultur teknikaria eta beste emakume batzuk tarteko, eta aurreko urtean omenaldian parte hartu zuten andrazkoei antzerkia egiteko proposamena egin zitzaien.
"Ez da erraza emakume horiengana joan eta feminismoa zer den azaltzea, ahalduntzeaz hitz egitea", azaldu du Enbeitak. Nola edo hala balore horiek landu nahi zituzten herriko emakumeekin, baina modu egokiren bat aurkitu beharra zegoen. Lehenengo antzerki emanaldirako 40 emakume lortu zituzten: "Kristoren meritua da proposamena egin eta lehenengoan baietz esan ziguten emakume horiena, nik 80 urte ditudanean neska gazteak antzerkia egiteko eskatzera etortzen badira popatik hartzera bidaliko ditut", dio Enbeitak umoretsu.
Lehen antzerki horrekin hutsune bat bete zuten 40 emakumeek. Udalak, Muxikaren historiari buruz ateratako liburuan gizonezkoen elkarrizketak baino ez zituen jasotzen, eta antzezlan honen helburua Muxikako emakumeen egunerokoa kontatzea zen. Historiako hutsuneak betetzea, nolabait. Lehenengo emanaldi arrakastatsua eta gero, hurrengo urtean 40 emakume izatetik 55 izatera igaro ziren. Azken honetan, inkisizio garaiak antzeztu zituzten, akelarre eta guzti.
Muxikako elizan egin den lehen akelarrea izango zen, seguru. Herriak aretorik ez duenez, elizan egiten dituzte ikuskizunak, aldarea agertoki bilakatuta. "Fede handiko emakumeak daude tartean baina ez dugu arazorik izan". Antzezlanaren gaia bati baino gehiagori arraro egingo zitzaiola pentsatu zuten, eta horregatik, hasieran azalpenak eman zituztela esplikatu du Enbeitak: "Hau ez da elizaren kontra; guk hau antzeztu edo ez, akelarreak, inkisizioa… gertatu egin ziren". Ajangizko elizan antzeztu zutenean, esaterako, abadea lehenengo ilaran egon zen eta asko gustatu zitzaiola azaldu du muxikarrak.
Urduritasuna eta ilusioa nabarmendu ditu Enbeitak hasi aurreko uneetan: "Neu ere oso urduri nengoen baina disimulatu egin nuen". Emakumeek agertokira salto, eta txaloka hartu zituzten ikusleek. "Lotsatuta bezala igotzen ziren agertokira, txaloak mereziko ez balituzte bezala", baina ondo merezitako eskertza jaso zuten, "txalo horiek guztiak euren bizitzetan egindako lan guztiaren aitortza ziren".
Ikuskizuna baino gehiago
Ez dute antzerki profesionala egin nahi, ez dute ikaragarrizko gidoia eduki nahi. Ez dituzte aktorerik onenak gura. Elkarrekin ikasi eta egon nahi dute, elkar ezagutu eta aliantzak egin nahi dituzte. Gozatu nahi dute, ikasi, ondo pasatu. "Ederra da herri oso batek parte hartzea, ideologiaren hormak apurtzea, distantzia haustea. Denek dute lekua proiektu honetan".
Belaunaldien arteko harremana azpimarratzen du behin eta berriz Enbeitak, umeek zaharrengandik nola ikasten duten, eta alderantziz: "80 urteko amona bati, akaso, gauzak behin baino gehiagotan azaldu behar dizkiozu eta ume bat etortzen zaizu esaten 'ez dakit nork oraindik ez du ulertu' eta berak azaltzen dio". Gainera, antzerkia prestatzeko egindako entseguek asko batu dituzte parte-hartzaileak, "orain elkarrekin hartzen dugu parte herriko beste ekintzetan".
Feminismoaz gozatzeko beste aukera bat da; besteak beste, ahalduntzea, zaintza eta espazio publikoaren okupazioa lantzen dituzte. Ez dago adinik izar izateko, "harrigarria da bizi guztia zaintzari eman dioten emakume horiek zer gaitasun duten oholtza gainean".
Bakoitzak egiten dakiena edo egin nahi duena egiten du: kantatu, antzeztu, jantziak josi, apaindu… Autoestimua lantzeko parada ere izan dutela azaldu du Enbeitak: "Elizako aldarera –agertokira– iristeko korridorean denak lurrera begira joaten ziren eta ea igandetako mezatan dirua lurrera botatzen zuten galdetu nien; ea horregatik zihoazen denak lurrera begira. Barre egin zidaten, eta hortik aurrera burua tente eta titiak aterata joateko esaten diet", azaldu du Enbeitak algara artean.
"Nik ez dut bizitzan hain esperientzia onik izan; ez dut hainbeste maitasun eta esker on inoiz jaso. Hasieran buruko min asko ematen ditu, baina gero bueltan jasotzen duzuna sinestezina da", azaldu du hunkituta. Aurten, hainbat kontu tarteko, ez dute Muxikarako antzezlanik prestatu. Herritarrak penetan geratu direnez , historian ahaztutako emakumeak gogoratzeko ekitaldia egingo dute martxoaren 6an.
"Lagun batek esan zidan lehengoan, antzezlana ikusten ari zela pentsatu zuela, 'hainbeste emakume al daude Muxikan?', eta nik erantzun nion baietz, eta baita gehiago ere". Egon badaude, ikusaraztea falta da. | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.