id
stringlengths
17
47
source
stringclasses
54 values
license
stringclasses
15 values
lang
stringclasses
1 value
url
stringlengths
17
329
title
stringlengths
0
653
author
stringlengths
0
499
date
stringlengths
4
20
text
stringlengths
20
2.08M
domain
stringclasses
7 values
argia-8120b81b7610
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/jazar-sormen-gunea.html
Egunero sortzen delako
Lander Arretxea
2015-11-08
Egunero sortzen delako Irudikatu 1.700 metro koadro artea eta kulturaren bueltako proiektuen zerbitzura. Irudikatu hutsik zegoen eraikin bat dozenaka sortzaileren esku. Donostiako Tabakalera burura etorri bazaizu, ez zoaz bide onetik. Iruñean, askoz ere zalaparta eta baliabide gutxiagorekin, bi urteko ibilbidea egin du jada Jazar sormen guneak. Erakundeen esku hartzerik gabe; autogestioa eta asanblearismoa oinarri. Gero eta ugariagoak dira co-working, sormen laborategi, hub eta antzeko izenekin bataiatutako lekuak. Haietako askok sormenaren bueltako proiektuak haizatzeko bokazioa dute, bai; baina askotan elkartzen dira horren politak ez diren beste hitz batzuekin: start-upak, ekintzailetza, mezenasgoa, instituzionalizazioa, bertikaltasuna… Iruñeko sortzaile multzo handi batek ordea, enpresetan baino herri mugimenduetan ohikoagoa den egiteko moduari heldu dio bere beharrei erantzuteko: antolakuntza eta autogestioaren bideari. Horren fruitu da bi urteko lanarekin Jaso ikastola izandako eraikinean garatu duten proiektua, Jazar sormen gunea. Jasotzeko, lehenengo erein "Aspalditik sumatzen zen Iruñean bazegoela artistek eta sortzaileek lan egin ahal izateko leku baten beharra, espazio fisiko baten falta". Hala aitortzen du Jazarren buru-belarri dabilen Xabier Urroz Zabalzak. Hutsune hori osatuko zuen proiektua ez zen, hala ere, instituzioen makro-planen eskutik etorri. Etxabakoitz auzoko Jaso ikastola izandakoaren paretik egunero igarotzen zen kide batek izan zuen ideia: zergatik ez diogu erabilera emango utzita dagoen espazio horri? Bi aldiz pentsatu gabe bildu zen eraikinaren jabetza zuen guraso elkartearekin. Jatorrizko ideia azaldu, konbentzitu eta lortu zuen alokairu merkea adostea, eraikina bi urtez erabiltzearen truke. Orduan hasi zen Iruñeko eta inguruko ehunka artistari eta egileri aukeraren berri ematen.  Hasiera hori zirraraz gogoratzen du Urrozek: "Ahoz aho zabaltzearekin batera, asko hasi ginen asteroko bileretara etortzen, nahiz eta oso argi ez izan zer topatuko genuen. Tartean bazegoen etxebizitza proiektu bat buruan zuenik, baina azkenean,  eta bilera askoren ondoren, sortzaileentzako eta sormenerako leku bihurtzea erabaki genuen". Lehenengo bilera haiek baliatu zituzten 13 urtez hauts dezente pilatzen ari zen eraikina txukuntzen hasteko. "Bertan geundenon beharrak identifikatu genituen eta hasi ginen pixkanaka auzolanean espazioak horri erantzuteko prestatzen". Horregatik guztiagatik guraso elkarteko kideak haiekin pozik daudela dio. "Lasaitzeko motiboa ere izan gara. Utzitako eraikin batek arriskuak baditu, eta orain badakite guk ondo zainduko dugula".  Nola egin bideragarri? Lehen pauso horiek pixkanaka definitu zuten gaur egun Jazarren antolaketa eredua dena. Espazioaren antolaketari dagokionez, beheko bi solairuak denek erabiltzeko espazio komuna dira. Tartean badaude auzolanean eta zerotik atondu dituzten jantokia, plaza handi baten tamainako skate parkea, entsegu aretoak, eskalatzeko txokoa ere baduen gimnasioa, eszenatokia, sukaldea, liburutegia, baratzea… Baita, gehiago edo gutxiago, gehienek erabiltzen dituzten lan-gelak ere: estanpazio eta serigrafia tailerra, brikolaje tailerra, argazki estudioa… Baliabide horiek nahi beste erabili ahal izateko, Jazarreko bazkide egin beharra dago, 25 euroko hileroko kuota ordainduz. Urrozekin eta beste bi kiderekin batera Jazarren arkitektura estudioa sortu duen Ioar Cabodevillaren arabera, mesedegarria izan da erabaki hori: "Horrela tailerrak erabiltzen dituzten guztiek asanbladetan parte hartu eta proiektuan sinestea lortzen dugu, arduratsuagoak izatea". Hala ere, Jazarretik kanpoko makina bat kolektibori uzten diote maiz behar duen oro erabiltzen. Aldizkako lanak egiteko nahikoa baliabide badaude espazio komunetan, baina hala nahi dutenentzat, txoko propio bat alokatu eta proiektua han garatzeko aukera ere badago. Bigarren, hirugarren eta laugarren pisuan dauden ikasgela izandako 30 eta 60 metro karratuko gelak prestatu dituzte horretarako. Txikienengatik hilean 50 euro ordaintzen dute, eta 100 handiagoen truke. Diru horrekin eraikinaren alokairua eta gastu komunak ordaintzen dituzte. Besteak beste, arkitektoak, txalapartariak, garagardo egileak eta argazkilariak egunerokoa konpartitzen jarri ditu eskaintza horrek. Gaur gaurkoz txoko guztiak hartuta daude, eta itxaron-zerrenda ere bada. Autogestioa: eguneroko erronka Espazioaren handitasunaz gain, erabakiak hartu eta proiektua norabidetzeko moduak bereizen du Jazar. Duela bi urte arte apenas elkar ezagutzen zuten dozenaka lagunek asanblada bidez ematen diote forma etengabe garatzen ari den ideiari. Bi asteroko formula probatu ostean, asteroko asanblada egiten dute orain. Horrez gain, eguneroko beharrei erantzuteko lan-taldeak ere badituzte: administrazioaz arduratzen dena edo komunikazio lan-taldea, adibidez. Tailer komun bakoitzak ere bere lan-taldea du. Asanblada gisa funtzionatzeak etengabeko moldaketa eskatzen duela argi du Cabodevillak. Taldea oso anitza dela dio, bai adinari, bai jatorriari dagokionez ere. "Badaude gaztetxeetan urte luzez aritu direnak, eta beste batzuk hemen izan direnak lehenengo aldiz asanblada baten parte. Batzen gaituena sormena eta autogestioan sinestea da". Zentzu horretan, aitortzen du beti ez dela erraza aniztasun hori kudeatu eta erabakiak hartzea. Bi edo hiru aldiz aldatu behar izan dute garbiketa txandak antolatzeko eredua, eta badaude kuota ordaintzerik ez dutela-eta zorra pilatu duten bazkideak. Baina zailtasun horiei aurre egiteko ahalegina egiten dute, asanbladen bidez, enpatia landuz eta elkar lagunduz. "Interesgarria da sormena ardatz duten aktibitateetan aritu arren beste pertsona batzuek oso ikuspegi desberdina dutela ikustea, eta haiena ere entzuten jakitea". Gauza bat da ziurra: beste edozeinek bezala gatazkak eta une loriatsuak dituen elkarbizitza horretan sortu diren harremanek eta sareek askoren proiektuak indartu eta berriak sorrarazi dituela. Eta jarraituko dutela, autogestioak ematen dien askatasuna baliatuta, helburu eta erronka berriei aurre egiten.
news
argia-86f67ab311e9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/barbaroen-etorrera-eragotzi-ezin-duten-hesi-zahar-berriak.html
Barbaroen etorrera eragotzi ezin duten hesi zahar-berriak
Pello Zubiria Kamino
2015-11-08
Barbaroen etorrera eragotzi ezin duten hesi zahar-berriak Serbiarekiko mugak dituen 175    kilometroak "defentsa lerroa" bataiatuta, Hungariak alanbre arantzadunez hornitu ditu. Greziak Evros ibaiaren inguruko 30 kilometro itxi ditu. Bulgariak Turkiarekiko fronteraren burdinazko hesia altxatu 30 kilometrotan, 130 km gehiagoz luzatzeko asmoz. "Mendebaldeko iritziek uste izan dute Berlingo harresia erori ostean historia amaitu omen zen moduan amaitu zirela murruak ere... Baina geroztik frontera gatazkatsuak ugaritu egin dira". Horrela mintzo da Claude Quétel historialaria Le Un astekariak galdekaturik. Quetelek 2012an "Murs, une autre histoire des hommes" liburua plazaratu zuen, harresien historiaz gain mendetan estatu eta inperioek eraikuntza horiei emandako funtzio eta esanahiak azalduz. Harrizko eta txarrantxazko murruen zerrenda luzean lehenbiziko marka handia Txinak ezarri zuen Kristo aurreko III. mendean. Haren aldean txikerra baina antzeko helburuekin, barbaroak hesiaz beste alde uztea, erromatarrek 128. urtean eraiki zuten gaur Eskozia den eremuaren kontra Hadrianoren murrua. "Harresiek politika egiten dute, zerbait adierazten", dio Quetelek. Zibilizazioen eta inperioen finkatzea nabarmendu nahi dituzte, kanpora begira baina barrura ere bai. Kanpokoetatik babesteaz gain, barrukoei esan nahi diete: "Zibilizazio beraren kide zarete, kanpoan diren horiek barbaroak dira, ez dira mintzo zuen hizkuntza berean". Quetelen belaunaldiko jendea asko markatu zuen Berlingo harresiak, 1961ean eraiki eta 1989an eraitsi zenak. Oso mintzo gogorra zeukan Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko Gerra Hotzaren barruan murru hark, Eki Alemaniako gobernuak eraikuntza harekin nahi baitzien eutsi Mendebaldeko bizimodu oparoagoaren bila alde egin nahi zuten herritarrei. Ezberdina izanik ere, Gerra Hotzaren umea da oraindik Ipar eta Hego Koreak bereizten dituen harresia ere, ironiaz bezala "gune desmilitarizatua" deitzen zaiona. Murruen sailkapenarekin segituz, Israelek Zisjordaniako eremu hoberenak bereganatuz altxatakoari "harresi antiterrorista" deitu dio beti, nahiz eta palestinarrekin batera munduan askok uste duten eraikinarekin juduek Palestinarekiko kolonizazioa egonkortzea dutela helburu nagusia. Gazaren mugan Egiptok egindako harresi eta lubaki handiaz osatzen da. Eredu horrekiko oso hurbil ikusten ditu Quetelek debekuen hormak, zeinetan famatuenak baitira ghettoak, Varsoviakoa eta beste. Hain ezaguna ez dena da juduei lehenbiziko aldiz Venezian ezarri zietela horrelako hesia. Hala ere, XXI. mende hasieran indarrik handiena hartzen ari direnak migrazioen kontrako hesiak dira. Tortilla border ere deitu izan zion hura Ronald Reaganek eraiki zuen Mexikotik zetozen etorkinei bidea eragozteko, 3.141 kilometroko hesia. Baina klandestinoek nahiko erraz zeharkatzen zutenez, 2006tik aurrera, George Bush semearekin, txarrantxazko hesia sofistikatu dute, gogortu, radar sarez osatu. Gaur Big Brother deitzen zaio. Kaliforniarako pasabidea erabat ixtea lortu du eta orain bizimodu hobearen bila datozen latinoek Arizonako basamortutik arriskatu behar izaten dute. Porrotaren aitortza Europan AEBei jarraitu diegu honetan ere. Bushen hesia mespretxatu ostean, hamar urte beranduago Europar Batasunak finantzatu zituen immigrazioaren kontrako lehenbizikoak bere mugetan, Ceuta eta Melillan Espainia eta Maroko bereizten dituen pasabidean. Espainiarrez mintzo dira Schengen guneko lehenbiziko harresiak. Gero eta altuago eta gainditzen zailagoak diren bi hesiok osatu dira Atlantikoa baporez zeharkatzera ausartzen direnak lokalizatzeko radar sarez. Gero eta indar handiagoa daukan Frontex egitura militarraren presioz, afrikarrek Espainiarako abentura utzi eta Libian barrena jo behar izan dute Italian lehorreratzera, edo Turkian barrena Greziako uharteetara. Frontex da Europar Batasunaren mugak zaintzen dituen beso armatua. Varsovian dauka egoitza eta ez da ondo ezagutzen bere lan egiteko modua. Azken bi urteotako etorkin uholdeen poderioz, aurrekontuz eta ahalmenez sendotu dute europarrek Frontex. Europa gogortzeko prozesuaren hurrengo fasea izan da migrazio klandestinoen kudeaketa azpikontratatzea. Marokorekin egin da lehenbiziko saioa: Europak Rabateko agintariei ordaintzen die honek mugaren bere aldetik kontrolatu ditzan etorkinak, kanpaleku berezietan aterpetu, arakatu, fitxatu, kanporatu eta abar. Muga kudeatzeko modu honen bitartez Ipar aberatsa saiatzen den bideratzen Hego txirotik datorkion presioa. Eki-Mendebal konfrontaziotik Ipar-Hego tentsiora pasatu gara. Batetik Ipar aberatsa, zaharra, demografiaz gainbehera datorrena; bestetik Hego gaztea, askoz populatuagoa eta ikaragarri txiroa. Honetan Quetelek beretzako hartzen ditu Jean-Christophe Rufinek duela 25 urte "L'Empire ets les nouveaux barbares" (Inperioa eta barbaro berriak) liburuan iragarritakoa. Rufinek paralelismoa nabarmendu zuen Erromatar Inperioak azken mendeetan ezagutu zuen barbaroen migrazioen eta 1991rako Hegoaldetik iritsi zitezkeela susmatzen zenaren artean. Mende laurden beranduago Quetelek gehitzen du antza badutela IV. mendeko –Inperioa ahultzen ari zen garaiko– agintari erromatarrek eta gaur Bruselan agintzen dutenek, "haiek bezala hauek ere fenomenoari aurre egiteko eta baita ulertzeko ere gaitasunik ez daukatenak". Herritarron  buruetan, alabaina, txarrantxa eta murruok lotsagarriak dira. Askori entzuten zaio ez litzatekeela behar fronterarik, gizakiak libre zirkulatu ahal izan dezala nahi duen lekutik. Mugarriak, ordea, hemen daude, gero eta bortitzago. Harresiak berresten du indartsuaren ahalmena ahularen aurrean. "Indartsuak –dio Quetelek– ez dio bere etxean sartzen utzi nahi ahulari. Funtsean, aberatsaren eta txiroaren aurkakotasunaz ari gara, populazioen arteko desoreka sakonaz. Porrotaren aitortza da. Beste aldean dagoen miseriaren adierazle. Murruaren alde onean zaude edo txarrean. Badira goseak hiltzen direnak eta argaltzeko errejimena egin behar dutenak". Alferrikakoak edo ez, beldur denak beti jotzen du hesietara. Rio de Janeirok hiru metroko batez inguratu zuen 2009an Dona Marta favela, inguruko biztanle aberatsagoak babeste aldera.
news
argia-0637ce0ac42e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/bizi-baratzea.html
Roman Martinez Uribarren eta Arantza Ozaeta Elortza, Aramaiotik: "Landaguneratu den kaletarrak gauzen zergatien munduan ase gura izan du jakintza"
Jakoba Errekondo
2015-11-08
Roman Martinez Uribarren eta Arantza Ozaeta Elortza, Aramaiotik: "Landaguneratu den kaletarrak gauzen zergatien munduan ase gura izan du jakintza" Landaguneratu garen kaletarrok, mundu berri baten atarian, hainbat zailtasun laketgarriri aurre egin behar izan diegu. Landareei hitz egiten dien amona baten faltan, aro egokia denean zopizartzen ari den aitonaren irudiaren faltan… Idatzizko erreferentzia garbi baten premia sentitu dugu. Eta bitartean, landaguneratu den kaletarrak intuizioz jokatu behar izan du sarri askotan. Intuizioa nahikoa izan ez duen egoeretan, mahoizko fraka eta  alkandora koadrodunei galdetuz egin du aurrera kaletar baserriratuak. Urliak erantzun jakin bat, sendiak prozedura bat, berendiak jokamolde bat... Horrelako inertziaz jokatu izan du batzuetan, itsumustuan eta presaka bestetan. Alper-lanak sarri! Hutsegiteetatik ikasiz egin du aurrera, astiro-astiro. Baina baratzea antolatzerakoan, ume jaio berriak amaren esnea bilatzen duen bezala, kaletarrak erantzun, prozedura edo jokamoldeen premian baino, gauzen zergatien munduan ase gura izan du jakintza. Badaukagu esku artean, ikasteko eta gozatzeko, baratzezaintza logikoa egiteko eta egiten dugunari zergatia bilatzeko erreferentzia bikaina. Zorionak Jakoba!
news
argia-e2cd572d5313
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/euskaldun-bat-erromako-portuaren-jabe.html
Euskaldun bat Erromako portuaren jabe
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-11-08
Euskaldun bat Erromako portuaren jabe Ostia (Italia), 1497ko otsailaren 20a. Erromako portuko setioa abiatu zuen Gonzalo Fernández de Córdoba "Kapitain Handia"-k, Menaldo Guerri buru zuten tropa frantziarren aurka.   Ezer gutxi dakigu ziur Menaldo Guerriri buruz, izenetik bertatik hasita. Menoldo gisa ere ageri da, eta abizenaren hainbat bertsio jaso dituzte iturriek: Guerri, Guerra, Gurres edo Agirre. Haren jatorria ere ez dago garbi. Iturri gehienek bizkaitarra zela diote, gutxi batzuek nafarra, eta ziurrenik azken hori da zuzena, euskal herritar guztiei bizkaitar esateko garai hartako ohitura medio. Gaskoia zela esaten duenik ere bada. Haren lanbidea ere ez dago garbi. Batzuek karrera militarra egina zutela zalantzan jartzen dute, baina Hernán Pérez del Pulgar (1451-1531) gaztelarrak, Kapitain Handiari buruzko kronika garaikidean, Guerri kapitaina zela dio. Denborak aurrera egin ahala, ordea, historiografiak "kortsario" eta "pirata" deitu dio gehienbat, bien arteko aldea ahaztuz; hala egin zuen Manuel José Quintana (1772-1857) idazle eta politikari ilustratuak Vidas de españoles celebres mardulean, adibidez. Guerri kortsarioa zela esateak badu zentzua, Ostiako portua Frantziako errege Karlos VIII.aren izenean hartu baitzuen. Kontua da haren berri zeharka jaso dugula soilik, Gonzalo Fernández de Córdobaren loria puzten duten testuetatik nagusiki. Guerri haren arerio izanik, iturriek nafar-bizkaitarra gutxiesteko joera dute. Ostiako portua hartuta, Frantziako erregearen esku uzteari uko egin omen zion, goarnizioa piratez eta gaizkilez gizendu omen zuen –gehienak "bizkaitarrak"–, Alexandro VI.a aita santua iraindu zuen publikoki eta, trukean eskumikua jaso zuenean, ez omen zen kezkatu. "Tiranoen maltzurkeria eta bidelapurren basakeria" biltzen omen zituen Guerrik, Quintanaren hitzetan. Bihozgabe, harroputz eta harrapari ere esaten dio aipamen laburrean. Ostiako setioa aste gutxian amaitu zen, 1497ko martxoaren 9an, espainiarren nagusitasun nabarmenak bultzatuta Guerriren armada errenditu zenean. Orduan, herritarrak bibaka zituela, Kapitain Handia Erroman sartu zen, Guerri atzean preso zeremala. Pulgarren kronikaren arabera, "zaldi mehe baten gainean kateatuta" zeramaten; Quintanaren hitzetan "traza kaxkarreko" zaldia zen, galtzailearen irudi patetikoa areagotu nahian edo. Guerri Córdobaren gurdiari lotuta zeramatela ere esan izan da, Zesarrek Vercingetorix galiarra bezala; susmagarria da kontakizunek gertaera haren geroz eta antz handiagoa izatea. Alexandro VI.arengana iritsita, Guerrik bizia barkatzeko eskatu omen zion. Beste batzuen arabera, Fernández de Córdobak eskatu omen zuen Guerri ez hiltzeko. Pulgarren kronikak dio aske utzi zutela eta Frantziara joan zela; Quintanak aldiz, "bere herrialdera" itzuli zela, eta bizi osoko kartzela zigorra Xativan (Valentzia) bete zuela diote beste iturri batzuek. Azkenean, Gonzalo Fernández de Córdoba aita santuak emandako Urrezko Larrosarekin irten zen handik. Menaldo Guerri, aldiz, bizirik irten zen, eta ez da gutxi.
news
argia-968bd742384b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/eaeko-auzitegi-nagusiaren-lehen-epaia-aktak-euskaraz-zilegi-dira.html
EAEko Auzitegi Nagusiaren lehen epaia: aktak euskaraz zilegi dira
Onintza Irureta Azkune
2015-11-08
EAEko Auzitegi Nagusiaren lehen epaia: aktak euskaraz zilegi dira Epaia irmoa da, ez du beste helegiterik onartuko. Jurisprudentzia aurrekaria da, bi epaik sortzen baitute jurisprudentzia. Irurako Udalari eman dio arrazoia. UEMAren ustez, epai garrantzitsua da hainbat udal aktak euskaraz egiteko zilegitasuna defendatzeko urratzen ari diren bidean. Orain arte Bilboko eta Donostiako Lurralde Auzitegien epaiak zeuden, lehenengoak ezetz ebatzi zuen, bigarrenak berriz baietz. Kontua da EAEko Auzitegi Nagusiak lehen aldiz eman duela epaia eta irmoa dela. Irurako Udalari eman dio arrazoia EAEko Auzitegi Nagusiak. Espainiako Gobernuko ordezkari Carlos Urquijok Irurako Udala auzitara eraman zuen aurrekontuetan Udalbiltzarentzat diru partida edukitzeagatik. Gobernu ordezkariak eskatutako informazioa euskara hutsean bidali zuen Udalak, erakunde horrek euskara hutsean funtzionatzen baitu. Urquijok informazio hura ez jasotzat eman zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du EAEn euskara ofiziala denez administrazio publikoek euskaraz aritzeko eta hizkuntza hori ulertzeko gai izan behar dutela, eta beraz, ez du onartu Gobernu ordezkaritzaren helegitea. Lurralde Auzitegien epaiak jasoak dituzte Bergara, Arama, Elgeta, Gaintza, Amezketa eta Lekeitiok. Lehen bostek aldekoa eta azkenak kontrakoa.
news
argia-24e45967d3cd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/donbass-gerra-europaren-bihotzean.html
Herritarren bizipenak argitara ateratzeko crowdfundinga
Axier Lopez
2015-11-08
Herritarren bizipenak argitara ateratzeko crowdfundinga Donbass: Gerra Europaren bihotzean dokumentala kaleratzeko diru bilketa martxan jarri du ARGIAk Karena.eu plataforman. Ibai Trebiño eta Mikel Arregi kazetariek Ukraina, Krimea eta Donbassen jaso dituzten lehen eskuko testigantzetan oinarrituta dago lana. "Donbasseko gerra-frontera joateko asmoa daukagu Mendebaldeko masa komunikabide gehienek erakusten ez duten beste aldeari –ezkutatzen duten besteari– ahotsa emateko". Oso argia izan zen Trebiñok eta Arregik ARGIAko lantaldeari egindako proposamena. Gogoz heldu zioten abenturari eta horren emaitza dira argitaratu ditugun erreportajeak, argazki-bildumak, bideoak eta iritzi artikulu ugariak. Ikuspegi kritikoz jorratutako lanak, Europako kazetari gutxik jaso duten lehen eskuko testigantzez lagunduta. Lan oparo horren emaitza biribiltzera dator Donbass: Gerra Europaren bihotzean dokumentala. Euskal Herriko jendartearen gehiengoarentzat oraindik oso ezezaguna den gerra baten testuingurua eta ondorioak azaldu nahi dituzte ARGIAk sustatutako dokumentalaren bidez. Dozenaka orduko grabazioak editatzeak, euskaraz gain beste hainbat hizkuntzatara itzultzeak (ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz, italieraz…) lanaren produkzioaren kostuak… lan handia dago dokumentalaren atzean. Beraz, lana baldintza egokietan egin ahal izateko eta egileek –freelance gisa– egin duten lanak ordainsari duina merezi duelako, diru-ekarpenak jasotzeko crowdfundinga abiatu dugu. Jatorrizko dokumentalaren bertsioa euskaraz izango da, gaiak Euskal Herritik kanpo duen pisua ikusita, gaztelaniazko eta ingelesezko bertsioak ere gehitu nahi dizkiogu. Crowdfundingaren bidez lortuko dugun diruaren arabera beste hizkuntza batzuetara itzuliko dugu (katalanera, frantsesera…). Euskal Herrian sortua, euskaraz pentsatua eta baliabide gutxiagorekin eginik ere, munduko geopolitikaren lehen lerroko gai bati heldu nahi diogu. Jakitun garelako, komunikabide handietako jabeen interes ekonomikoek behartuta, ezkutatzen den ikuspegiaren zabalpena hedabide independenteen esku baino ez dagoela. "Donetskeko zenbait auzo erabat suntsituta daude. Zutik iraun duen ia ezer ez da. Asko hunkitu ninduen sotoetan sartuta bizi zirenen bizimoduak. Zenbait familiak hilabeteak daramatza aire erasoen aurkako babeslekuetatik atera gabe, oso egoera tamalgarrian bizirauten. Hori bezalako gerraren eragin zuzenak jaso ditugu", dio Mikel Arregik. 2014ko otsailean Kieven izandako gertaeren ondotik aldaketa politiko sakona bizi izan du Ukrainak. Maidan izenarekin ezagun egin ziren protesten ondoren, estatu kolpea eman zuten. Ukrainako egoera politiko, ekonomiko eta sozialean aldaketa sakonak gertatu dira harrezkero. Apirilean, Kieveko agintari berriak onartzen ez zituzten Luhansk eta Donetskeko herritarrak altxatu egin ziren, eta erantzun moduan, Ukrainako presidente Poroxenkok Donbasseko Gerra abiatu zuen. Europan aspaldi ikusi gabeko anabasa humanitarioari hasiera eman zion gerrak –1.500.000 errefuxiatu eragin ditu– eta hara joatea erabaki zuten dokumentala egitera; Krimean eta Donbassen bizitakoa, entzundakoa eta ikusitakoa dokumentu historiko bezala jasota gera dadin.
news
argia-68fb0fbb1915
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/osasunaren-autokudeaketa.html
Erleen pozoiz sendatu elkarlanean
Pello Zubiria Kamino
2015-11-08
Erleen pozoiz sendatu elkarlanean Ostegunero eguerdiko 12:00etatik 14:00etara dute hitzordua medikuak, erlezainek eta gaixoek. Erleen ziztadak ezarriko haiek hauei. Dirurik ez da tarteko. Bai ordea bateko eta besteko botikekin sendatzea lortzen ez duten erien osasuna hobetu nahia eta erleen ahalmenei buruzko jakintza handia. Okzitaniako Besiers/Beziers ondoan gertatzen da. Erleak eta gizakiak aurkitu ditugu elkarlanean "L'Abeille me soigne" (Erleak artatzen nau) elkartearen babesean Pezenas herrian (Okzitanian, Besiers eta Montpellier artean). Zenbait mediku eta terapeutaren egoitza den La ruche (Erlauntza) egoitza txikiaren gela batean bildu dira. Erleak eraikinaren kanpoko aldeko dozena erdi kofoinetatik bildu dituzte kristalezko potoetan eta bi orduz jarriko dizkiete larruazalean bertaratu diren gaixoei. Alain Merit erlezaina da elkartearen diruzaina eta apiterapiaren militante sutsua aspalditik. Berekin batera heldu dira astero beste erlezain batzuk, behar denean laguntzera. Taldearen arima Maryse Pioch da. Gaztetan atletismoan elite mailan aritua. Esklerosi Anizkoitzak aulki gurpilduneraino makaldu zuen. Erlezain familiakoa izan arren, ez zuen hauen laguntzaren bila jo harik eta gainerako terapia mendebaldarrek kale egin zioten arte. Liburu bat dauka idatzia 2005etik aurrera bere gaixotasuna Seignalet erregimenarekin eta erleekin nola artatu duen kontatuz. Liburuaren hitzaurrea Henry Joyeuxek egin zion. Montpellierreko unibertsitatean irakasle, zirujau eta kantzerologo, argitalpen ugariren egile, osasun arloan oso popularra da Frantzian. Webgune famatua ere badu. Joyeux doktoreak bere ohorez zabaldu dio babesezko estalkia elkarteari.     Eguneroko praktikan Jean Baptiste Thouroude mediku eta akupuntoreak asesoratzen ditu Pezenasera biltzen diren gaixo eta erlezainak. Medikuntza ikasi ostean, akupuntura ikastera joan zen Txinara. Erleez interesa baldin bazuen ere ez zen horien pozoia akupunturako txokoetan ezartzen hasiko baldin eta ez bazion eskatu arren eta arren Esklerosi Anizkoitz oso gaizto bat nozitzen duen Lisaren amak. Ez da harritzekoa ama hau, Cathy Canut, izatea elkartearen lehendakaria. Osteguneroko hitzorduaz gain, tarteka ikastaro bereziak antolatzen dituzte Pezenasen. Larunbat oso batez, bertaratu direnek erlearen eta bere produktuen sendatze ahalmenen informazioa jasotzen dute goizean eta arratsaldean praktikan nola erabiltzen den ikasten. Argi konprenitu behar da Pezenasen egiten dena. Hemen ez da titulurik ematen, ez kontsulta mediku ordaindurik, ez inolako produkturen promoziorik. Helburua da behar duen gaixoari eta bere ingurukoei erakustea zer-nola egin erleekin, gero berak bere kasa egin ahal izan dezan. "Helburua eria autonomo izatea da", errepikatuko du Thouroude doktoreak. Zergatik? Frantzian oso estu pertsegitzen ditu Medikuen Elkarteak ortodoxiatik ateratzen diren profesionalak. Bestetik, formatu gabeko pertsonek terapeuta papera errazegi egitea  saihestu nahi da. Gaixoaren ikuspegitik osatu  argudioa: diru asko behar da osasungintza publikotik kanpoko terapiaren bat jarraitzeko. Sekulako zortea du gaixo batek erlearen terapiak on egiten badio eta diru saririk gabeko auzolan mota hau dagien norbaitekin edo talderen batekin egiten badu topo. Aitonari 20 ezten jarriko dizkiogu Urriaren 17ko ikastaro azkarrean baginen, medikuaz eta erlezainez gain, klase ezberdinetako gaixotasunen jabeak: Esklerosi Anizkoitza, Esklerosi Laterala, Espondilitisa, Parkinsona, Poliartritisa, Lunbalgia… Arratsaldeko saio praktikoan aitona parkinsoniano batek eskaini zuen bere soina bertan zirenek erlez ziztatu zezaten, medikuak agindutako puntuetan. Giro lasaian, gizona bi dozena ziztada hartzen ohituta dagoelako. Bertaratutako beste batzuk bezala, erleen pozoiari beldurra galtzeko baino dagonekoz hartzen dituzten ziztadak non-nola hobetu ikastera etorriak zirelako.  Hasi nahi duenari eskatzen zaio alergiaren froga egina ekartzea. Sinatzen du agiri bat esanez garbi azaldu zaizkiola arriskuak (ohikoa ez izan arren gerta liteke shock anafilaktikoa, heriotza ere eragin lezakeena) eta bere gain hartzen duela terapiaren ondorioen erantzukizun oro. Giroa alaia da, broma asko ere bai tarteko, baina hau ez da jolasa. Hasieran erleen pozoiaren zati txikia jasoko du gaixoak, beranduago eztenkadak osorik eta dosiak gero eta handiagoak, gero eta ugariago. Txinan Thouroudek ikusi du saio batean emakume bati 200 erle jartzen bizkarrean. "Baina iruditzen zait han eta hemen oinazea diferente bizi dugula". Saio praktikoan boluntario bere ipurdi-gaina eskaini duen emakumeari 20 bat jarri dizkiote. Ez da kexatu: erleekin hasi aurretik ohetik jaiki ezinik omen zen, morfina behar oinazeak arintzeko. Mendebaldeko medikuntzak eskaintzen duenaren osagarritzat lantzen dute Pezenasen erlea. Minbiziarentzako kimioa hartzen duzula? Inork ez dizu esango terapiari uko egiteko, baina hartu propolia ere dosi handitan. Berdin Esklerosi Anizkoitzarentzako ospitalean tratamendu esperimental bortitza ematen badizute, saiatu erlauntzako produktuekin eta erleen ziztadekin. Munduan badira Pezenasekoa bezalako talde gehiago, asko medikurik gabe erlezain eta gaixoz osatuak. Adibide bikaina erakusten du Internetez ikus daitekeen Love and Venom (Maitasuna eta pozoia) bideo labur zirraragarriak. Euskarazko azpitituluz ikus daiteke. AEBetan Ohioko Wellington herrian Don Downs erlezainaren etxean ia egunero biltzen dira gaixoak eta boluntarioak elkarri erleen ziztadak jartzera. Thouroude medikuak esan bezala, test zientifiko asko egin beharra dago oraindik demostratzeko zein den apiterapiako produktuen benetako balioa. Baina bere bizia gaixotasun larri batek esku artetik daramakiola nabaritzen duenak ez du astirik. Esklerosiak aulki gurpildunera kondenatu duen Lisaren gurasoek erleekin aukera bat ikusi dute. Gaixotasunaren erasoak geratzeko edo, gutxienez, kimioterapia esperimentalak eragin dizkion alboko kalteak arintzeko.
news
argia-f2fe0c998c9f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/eragotzi-dezagun-gazteek-emigratzea.html
Eragotzi dezagun gazteek emigratzea
Juan Mari Arregi
2015-11-08
Eragotzi dezagun gazteek emigratzea Bistakoa da krisi ekonomikoak gazteak kolpatu dituela gehien. Belaunaldi oso bat deuseztatzen ari den krisia da, jendarte zaharragoa sorraraziko duena menpekotasun, desberdintasun eta bazterkeria sozial gehiagorekin. Milaka lagun eramango ditu pobreziara. Langabeziak gazteen %50ari eragiten dio –milaka euskal herritar–. Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera, Espainiako Estatuan 15 eta 29 urte arteko gazteen %15ek ez du ez ikasi ez lanik egiten. Lan egiten duten gazteen %71, berriz, behin behineko kontratupean dago, orduka lan egiten. Eta horietatik laurdenak ez du horrelakorik nahi. Lanbide Heziketa, enplegu tasa handiagoak lor ditzakeen arren, erabat abandonatuta egon da. Soldatak oso baxuak dira, gutxik gainditzen dituzte 700 euro. Non daude mileuristak? Etxebizitza lortu ahal izatea, alokairuan nahiz erosita, ezinezkoa da gazte batentzat. EAEn etxebizitza baten alokairuaren batez bestekoa 732 eurokoa da eta Nafarroan 490 eurokoa. Aurten, lehen hiruhilekoan etxebizitzen alokairua %6 igo da EAEn. Eta etxebizitza erostea are zailagoa da, Hego Euskal Herrian batez besteko prezioa metro koadroko 2.015 euro baita; Ipar Euskal Herrian 3.000 euro. Gauzak hala, zaila da gazteak gurasoen etxetik irten eta etorkizunera begira bizitza proiekturen bat edukitzea. Gure gazteen emantzipazio adinaren batez bestekoa 30 urtekoa da, europarrena baino lau urte altuagoa. Patronaletik eta gobernuetatik eskaintzen diguten soluzioa atzerrira lanera joatea da. Formula hori ez litzateke ohikoa izan behar. Euskal Herriak, beste herriek bezala, bere egiturak berritzea behar du, hezkuntzan, produkzioan eta lan arloan ere. Gazteria hemen errotzea behar dugu, atzerrira lan egitera eta bizitzera joan nahi dutenak errespetatuz. Ezin dugu emigrazio alternatiba hori orokorki eskaini. Enpresek, gobernuek eta erakundeek ardura osoa dute politika burutsuak aurrera eramateko, gazteek ez dezaten emigratzeko beharrik izan.
news
argia-ba3383550814
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/sua-zaintzen.html
Mezuak eta errimak batzen
Joxi Ubeda Goikoetxea
2015-11-08
Mezuak eta errimak batzen Sua zaintzen Glaukoma ta Bad Sound Bonberenea Ekintzak, 2015 Glaukoma eta Bad Sound System taldeak lagunak dira, anaiak. Bien artean bi abesti sortu dituzte eta bi abesti horiekin osatu dute Sua zaintzen lana. 10 hazbeteko binilozko disko bat da (alde bakoitzean kantu bat), baina bi kantuak CD batera ere bildu dituzte. Beraz, Sua zaintzen lana eskuratzen duenak biniloarekin batera CDa eskuratuko du. Glaukoma taldeko kideak Tolosakoak, Donostiakoak eta Irungoak dira. Asier Arandia (baxua) eta Juantxo Arakama (ahotsa) tolosarrak, Jokin Albisua eta Iker Pando gitarra jotzaileak donostiarrak, eta Pablo Rubio (bateria) irundarra. Tolosan entseatzen dute. Selektah Stepi eta Moro, Bad Sound taldeko bi kideak berriz, Irungoak dira. Musika egiteko garaian bi taldeen ikusmoldeak ez dira berdinak, baina bai osagarriak, diskoko bi abestietan antzeman daitekeenez. Emaitza ederra da: Glaukomaren eta Bad Sound System taldeen ukituez landutako eta burututako bi reggae-hip hop-dancehall abesti. Bi taldeak elkarrekin lan egiten ederki moldatzen direla nabarmena da, eta oso ongi pasatzen dutela. Giro eder horren ispilua dira diskoko bi kantuak. Elkarlanean aritu dira, indarrak batu dituzte eta elkar aberastu dute. "Urtetako harremana daukagu eta bi taldeen artean kantu pare bat grabatzea erabaki genuen", Juantxo Arakamaren hitzetan. "Esperimentatzeko gogoa geneukan, bi taldeak batu eta ea zer ateratzen den ikustea. Oso gustura egindako lana izan da, eskuz, eta gustu eta mimo handiz. Guretzat gutizia moduko bat izan da, gozoki bat". Ekoizpena ederki egina dago, eta doinua indartsua da. Erritmoek eta melodiek berehala harrapatzen zaituzte eta gorputza oharkabean mugitzen hasten zaizu. Moldaketak ederki eta neurrian eginak daude, eta hitzak eta errimak oso ongi landuak daude. Batak bestetik abestiaren oinarria Glaukomak egin du eta Bizitzaren antzerkia abestiarena Bad Soundek. Lehen kantuan bi taldeek nola elkar ezagutu zuten kontatzen dute: "Bi gera bat, bata besteari lotuta erabat; zutik biak bat!; bihotzez elkarri laguntzen, errimak errima sentitzen, mezu ta errima batzen, hotzai beroa jartzen; bakarrik sentitzen diren gizon ta emakumeentzat reggaea!". Bigarren kantua kritikoagoa da, egungo egoeraren inguruan hitz egiten du: "Argia iparrik gabeko gazte onei ta sua egia zor diguzuten hoiei; zapaltzen gaituztenak anker portatzen dira; zenbat negar bizitzaren antzerkian?; askatu neska, mutil, gizon ta emakume guztik!". Lana aurtengo udaberrian osatu dute. Batak bestetik kantuaren grabazioa eta nahasketak Karlos Osinagak egin ditu Bonberenean. Bizitzaren antzerkia kantuaren grabazioa Selektah Stepik egin du Gua estudioan, Irungo Mosku auzoan, eta nahasketak Maikelek Mik estudioan, Beran. Bi kantuen masterizazioa Karlos Osinagak egin du Bonberenean, diseinuaz Punker (Rebel Sounds) arduratu da eta maketazioaz Imanol Urizar. Grabazio saioetan Glaukoma eta Bad Sound taldeetako kideez gain Aitzol Moneo (tronboia) eta Ander Altuna (tronpeta) aritu dira. Sua zaintzen lana aurkezteko bi taldeek elkarrekin hainbat emanaldi egingo dituzte: Arrasateko gaztetxean urriaren 29an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan urriaren 30ean, Tolosako Bonberenea etxean urriaren 31n, Bilboko Stage Live aretoan azaroaren 13an eta Iruñeko Akelarre aretoan azaroaren 14an. Batak bestetik eta Bizitzaren antzerkia kantuak ez ezik, Glaukoma eta Bad Sound System taldeen hainbat kantu elkarrekin joko dituzte. Emanaldi bereziak izango dira, dudarik gabe. n
news
argia-17cd2a2b06e3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/hezkuntza.html
Gehiegizko etxerako lan desegokiei planto
Mikel Garcia Idiakez
2015-11-08
Gehiegizko etxerako lan desegokiei planto Guraso talde baten proposamena iritsi berri da Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartera: haurrei irakasleek agintzen dizkieten etxerako lanez gogoeta egitea beharrezkoa dela eta horretarako guraso, irakasle eta ikasleak bilduko dituzten foroak eratu behar direla ikastetxeka. Eztabaidari serio heltzeko ordua da: etxerako lanak bai ala ez? Adin guztietan? Denentzat? Eta denentzat berdinak? Zenbat? Argi du Iñaki Larrea Mondragon Unibertsitateko irakasleak: eskolako lanik ez etxean, ez behintzat gaur egun ulertzen ditugun moduan. Izan ere, hezkuntza sistemaren porrota estaltzeko saiakera direla dio: "Ikasleek ordu asko sartzen dituzte ikastetxean, eta horrekin ez da nahikoa? Orduan zerbait ez gara ongi egiten ari. Gainera, eskolan lantzen dutena ikasleen interesekoa bada, eurek bilatuko dituzte loturak errealitatearekin, euren kabuz jarraituko dute eskolaz kanpo galdetzen, arakatzen, informazioa eskuratzen…". Etxerako lanen aldekoek diote diziplina, ardura, autonomia edota ikasketa-ohiturak berenganatzeko lagungarri direla, baina etxeak duen potentzialtasuna aintzat ez hartzea da hori, Larrearen iritziz: "Atzean dagoen logika da hezkuntza arautuak ikasteko balio duela eta hezkuntza ez-arautuak edo bizitzako egoerek ez dutela balio. Baina konpetentzietan edo gaitasunetan gehiago zentratuko bagina eta ez hainbeste edukietan, ikusiko genuke 'etxeko' bizitzak, bizitza errealak, ikasteko aukera asko ematen dituela: matematikak lantzeko adibidez, modu artifizialean ikastetik harago (ariketak eginez, formulak memorizatuz), ez al da baliagarria umea dendara erosketak egitera joatea? Zertarako landu matematikak ikasgelan, gero ez bada aukerarik ematen errealitatean aplikatzeko?". Heziketa integrala oinarri hartuta, etxerako lanek ez al lukete izan behar esperimentatzea, gustuko dutena irakurtzea, naturara txangoak egitea edota ikuskizunak gomendatzea? Eta jakina, haurrek denbora eskaini behar diote atsedenari, aisiari, senideekin eta lagunekin aritzeari, jolasteari... Jolas librearen garrantzia aditu guztiek azpimarratzen baitute, haurraren motrizitatea, sormena, autonomia, autokontrola, norberaren trebezia eta potentzialtasunak, mugak eta interesak modu naturalean garatzeko. Horretarako, ordea, eskolako lanak eskolan egin behar dira, ez etxean, baina maiz ez du denborarik ematen, eta horregatik agintzen dizkiete irakasleek etxerako ariketak. Curriculumean materia gehiegi sartzen dela eta eskuak lotuta dituztela, irakasleen ohiko kexa. Eta sarri gurpil-zoroa da emaitza: eskola-orduetan etxean egindako lanak zuzentzen aritzen dira, eta gehiagorako denborarik ez dagoenez, eskolako lanak etxean bukatzen. Curriculum zabalari konponbidea ikusten dio Iñaki Larreak: edukiei lotu ordez, konpetentziei lotu; helburua testuliburuko ariketa guztiak egitea izan beharrean, ikuspegi globalagotik landu gaitasunak; proiektuka, egoera errealetan oinarrituta, eta egungo curriculum zatiketa alboratuz (orain euskara, orain fisika, orain historia…). Hainbat gurasoren kezka ulertzen du: "Semea edo alaba gai jakin batean besteak baino atzeratuago badabil, joera beti izango da etxerako lanen bidez orekatzen saiatzea, baina ikastetxeak aniztasun orori erantzun behar dio, bertan dauden ikasle guztiei. Denok une berean gauza bera egite hori apurtu beharko genuke, haurrak robotak bailiran: 'Orain hau egin behar duzue, modu honetan eta iraupen honekin'. Haur bakoitzaren bereizgarriei erreparatu eta bakoitzari erantzungo dion hezkuntza sistema eskaintzen saiatu beharko ginateke, nahiz eta badakidan ez dela erraza, ratioak ere handiak direlako. Baina materiaka joan ordez gauzak ikuspegi globalagotik jorratuz gero, errazagoa da haurrak bidean ez galtzea". Izan ere, irakasleak ezin du espero ikasgelan "iristen ez denari" konponbidea etxeak ematea, eskolaren ardura baita gutxiengoak bermatzea eta ikasleak zailtasuna duen horretan indarra jartzea, eskola-orduetan. Errepikakorrak eta memoristikoak, gutxi dute pedagogikotik Curriculuma eskolan eman behar dela eta etxeak ezin duela eskolaren jarraipena izan, Lurdes Imaz Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteko (EHIGE) bozeramaileak adierazi diguna. Etxerako lanak ezabatzea baino, kopurua eta denbora orekatzea eta eredua aldatzea ikusten du beharrezko. Imazek eredua kritikatu du, normalean ariketa errepikakorrak izan ohi direlako eta guztiei berdina planteatzen zaielako. "Horrek ez du zentzurik, etxerako lanak ikasle bakoitzaren beharretara egokitu beharko lirateke, eta eskolan landutakoarekiko osagarriak eta praktikoak izan beharko lukete: gai jakin bati buruz eguneroko bizitzarako ikasleari balioko dion ariketa planteatzea, proiekturen bat taldeka proposatzea, gurasoekin batera interneten gaiaren inguruan arakatzea… baina ez fitxak betetzen jardutea". Azken finean, testuliburua zehatz-mehatz jarraitzeak ez dirudi oso aberasgarria. Kopurua ere ohiko eztabaida da, jakinik gainera hainbat ikerketaren arabera ez dagoela loturarik eskolako lanei eskainitako denboraren eta emaitza akademikoen artean. Normalean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleen artean ez dago etxerako lanen gaineko koordinaziorik (Lehenengo Hezkuntzan bakarra da irakaslea), eta ikasgai bakoitzetik agintzen dizkieten etxerako lanak pilatu egiten zaizkie ikasleei. Frantziako Estatuan, 15 urteko gazteak 5,1 ordu eskaintzen dizkio astean eskolako lanei, Espainiakoan 6,5 ordu (ikusi beheko infograma). Nafarroako Eskola Kontseiluak 2011n emandako datuen arabera, egunero ordubete eta 48 minutu baliatzen ditu 15 urteko gazteak etxerako lanetan. 2014an Joxe Amiama irakasleak EHUrako egindako ikerketaren arabera berriz, DBHko ikasleen %55ak estutasunez bizi ditu etxerako lanak eta %65ak dio gehiegi agintzen dizkietela. Etxerako lanek gain hartuta, nekatuta eta frustratuta bukatzen duen ikasleak eskolarekiko eta azken batean ikas-prozesuarekiko jarrera ezkorra garatu dezake eta haurraren jakin-mina amatatzeko arrazoi bilaka daitezke eskolako lanak, aditu ugariren ustez. Beste kezka bat ere azpimarratu digu Lurdes Imazek: "Gurasoen kexak jaso izan ditugu, ez dutelako ulertzen zergatik eman behar duen seme-alabak hainbeste denbora eskolako lanak egiten, denbora bestelakoetara eta elkarrekin egotera eskaini beharrean. Tentsio sortzaile dira eskolako lanak, ariketa gehiegi direnean edota gurasoek ezin dutenean seme-alaba lagundu". Zein da gurasoen funtzioa? TNS Demoscopia ikerketa-enpresaren datuei erreparatuta (2013), Lehen Hezkuntzako haurren %80ak eta Bigarren Hezkuntzako %45ak gurasoen laguntza jasotzen du Espainiako Estatuan. Lurdes Imazen iritziz, gurasoek ez lukete eskolako lanetan eskua sartu behar, gainbegiratu baizik: "Gurasoek ez dute zertan jakin zein den matematikak edo zernahi gai irakasteko metodologia, irakaslea da eta ez gurasoa horretarako prestatuta dagoena, eta haurrak autonomo izan behar du". Areago, kalterako izan daiteke gurasoen laguntza, gaizki irakatsi dezakeelako edo dependentzia sor diezaiokeelako seme-alabari. Azken finean, haur edo gaztea ez bada gai eskolako lanak bere kabuz egiteko, ez al luke irakaslea –eta ez gurasoa– behar ondoan? Eta ez badu laguntzarik behar, ez al daude soberan etxerako lanak? Francesco Tonucci pedagogo italiarraren hitzetan, "etxerako lanek inoiz ez dute lortzen eskolak uste duen emaitza: ahulenentzako laguntza izan beharko lukete, baina hauek ez dira hain kapaz lan horiek egiteko eta maiz etxean ez dute laguntzarik aurkitzen, maila sozial eta kultural baxuko familietakoak baldin badira. Hala, etxerako lanei etekin gehien ateratzen diotenak dira gutxien behar dituztenak". Sarri familiaren egoera sozioekonomikoak baldintzatuta, desoreka sortzen da laguntzen duten eta ez dutenen haurren artean. Etxetik ikasgelara eramaten da seme-alabek gauza ahalik eta gehien eta ahalik eta azkarren jakiteko lehia, eskua sartzen duten gurasoek eta eskola partikularrek gelako erritmoa ezartzeraino, halako laguntzarik ez duten ikasleak atzean utziz. Baina etxerako lanak perfektu entregatzea da helburua, ala norberak egiten ikastea, bideko akatsak zuzentzen joatea? Zer espero dute irakasleek gurasoengandik? Eta gurasoek irakasleengandik? Komunikazio handiagoa, horra gakoa. "Etxerako lanek ezin dute derrigorrezkoak eta puntuagarriak izan –gaineratu du Imazek–, ala nota altuagoa jarriko diozu egoera ekonomiko hobea duelako partikularrera joan daitekeenari?". Amiamaren azterketak dio hamar ikasletik lau doazela eskola partikularretara, etxerako lanak egiten laguntzeko. Baina soluzio pribatu honek beste behin ere irakaskuntza sistemaren porrota islatzen duela nabarmendu du Iñaki Larreak eta hainbat lekutan martxan duten irtenbidea proposatu du Imazek: ikastetxe barruan espazioak egokitzea, zailtasuna duten ikasleek aukera izan dezaten bertan aritzeko, irakasle baten laguntzaz. Alabari ariketak egiten zizkion aita eta Urnietako eta Usurbilgo esperientziak Etxerako lanen alde eta kontra, gurasoen artean denetik dagoela kontatu digu EHIGEko bozeramaileak, ikasleak eta erritmoak ere ez direla denak berdinak. Baina egungo ereduaren egokitasuna zalantzan jartzen dute gehienek. Frantziako Estatuko guraso elkarte handienak (FCPE) etxerako lanei planto egitera deitu izan du (berdin beste hainbat herrialdetan), eta CEAPA konfederazioak, Espainiako eskola publikoetako 12.000 guraso elkarteren ordezkari denak, etxerako lan derrigorrezkoak ezabatzea eskatu du, ez izatea puntuagarriak, desoreka handiak sortzen dituztelako. 10 urteko semea ia denbora librerik gabe estresatuta egunero bi-hiru orduz etxean eskolako lanak egiten ikusita, kopurua txikitzeko sinadura bilketa abiatu du Eva Bailén madrildarrak eta 130.000 babesetik gora jaso ditu Change.org plataforma birtualean. Kasu bitxia da baita ere Alfonso González irakasle eta guraso espainiarrarena: alaba Lehen Hezkuntzan zegoenean, eskolatik bidaltzen zizkioten ariketa asko eta asko berak egin zizkion. Adibidez, etxera hamar zatiketa ekartzen bazituen egiteko, lehenengoa neskatoak egiten zuen, eta behin ziurtatuta ondo moldatzen zela, gainerakoak aitak bukatzen zituen. "Horri esker, nire alabak gitarra jo du, piraguismoan aritu da, kalera atera da jolastera, zoriontsu izan da… Orain Bigarren Hezkuntzan dago eta Bikain ateratzen jarraitzen du". Gurera etorrita, Urnietako Egape ikastolako Aitor Regillaga gurasoak bere esperientzia kontatu digu. 2014-2015 ikasturtea abiatu aurretik, eskolako ama bat eta biak gaiaz gogoetatzen hasi ziren, 6 urteko semeak hastear zirelako etxerako lanekin. Gainerako gurasoei azaldu zieten kezka lehenik, ikastetxean planteatu zuten ondoren, inkestak ere egin zituzten egoera erreala ezagutzeko (etxerako lanen helburuak betetzen al ziren, zein zailtasun maila zuten, nola egiten ziren…). Horren ondorioz, Egapeko irakasleek hausnarketa abiatu zuten, ikastaroa jaso zuten Joxe Amiama irakaslearen eskutik eta ikasturte honetan murriztu egin dute etxerako lanen kopurua, denbora gutxiago eskatzen duten bestelako lanak agintzen dituzte. Prozesuan gurasoek, ikasleek eta gainerako eragileek ere parte hartzea nahiko zukeen Regillagak, baina sisteman esku hartzea lortu dutelako kontent da: "Irakasleen ahalegina baloratzen dugu, inertzia puskatzea ez da gutxi eta seme-alabak ere pozik daude emaitzarekin". Urnietakoa ez da esperientzia bakarra. Usurbilgo Udarregi ikastolan esaterako, irakasle eta gurasoengandik sortutako kezkari tiraka gaiaren diagnosia abiatu zuten 2013-2014 ikasturtean (etxerako lanen inguruko galdeketa egin zieten ikasle eta gurasoei batetik, eta indargune eta ahulguneez datu bilketa eta eztabaida izan zuten irakasleek bestetik); ondoren, Joxe Amiamarekin klaustroa jaso zuten irakasleek, eta ikasturte berri honetan aldaketak egin dituzte Lehen Hezkuntzan, bereziki etxerako lanen tipologian. Hala, etxerako lanen xedea da irakurketa sustatzea eta gelarako esanguratsuak diren zereginak aukeratzea: "Etxerako lan esanguratsu bat izan daiteke, adibidez, matematiketan neurri aldaketak ikasten ari bagara etxeko kideen neurriak ekartzea, ondoren gelan neurri aldaketak balio horiekin egiteko", zehaztu digu Elixabete Goikoetxea Udarregiko irakasleak. Aldaketaren ondorioak eta emaitzak ebaluatzen joango dira ikasturte honetan zehar, eta Bigarren Hezkuntzan etxerako lanen diagnosia hasi dute baita ere. Beste ikastetxe batzuetan, astebeterako ikasleek egin beharrekoak adosten dituzte, eta lan horiek eskola-orduetan burutu ahal izateko egiten da plangintza –ordu horietan ariketak egin ez dituenak, horrek bai, etxean amaitu behar–. Gero eta leku gehiagotan mahaigaineratu dute gaia, inplikatu guztien artean bidea erabakitzea helburu. "Planteamendu irekia izan da gurea –azaldu digu Aitor Regillagak–, asmoa ez baita izan etxerako lanei baietz edo ezetz esatea, baizik eta gogoeta egitea, ea baliagarriak eta eraginkorrak diren. Zein helburu dituzte etxerako lanek? Betetzen al dituzte helburu horiek? Eta asmo horiek lortzeko tresna ala azken helburu dira etxerako lanak? Nolakoak dira? Kontuan hartzen al dute ikaslearen errealitatea? Gurasoena?...". Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartera iritsi den proposamena abiapuntu, lantaldea sortuko dute EHIGEn, eta nondik joko duten aurreratu digu Lurdes Imazek: "Planteatu beharko litzateke ikastetxeka gaiaz sakon eztabaidatzeko bildu daitezela ikasle, guraso eta irakasleak, eta akordioak adostu ditzatela; eta bigarren urratsa izan daiteke gaia Hezkuntza Sailera eramatea, bertatik bideratu dezaten etxerako lanen inguruan ikastetxeka akordioak lortzeko beharra". Iñaki Larreak nabarmendu du, gurasoek zeresana duten arren, hezkuntzako adituak eta ikerketak hartu behar direla oinarri, eta gogoratu du adar asko ukitzen dituela gaiak: hezkuntza politiketatik hasi eta familia eta lana uztartzeko politiketaraino. "Haurrei eta nerabeei zer eskaini nahi diegun erabakitzeak eskatzen du eskolaz gogoetatzea, baina baita eskolaz kanpo dagoen guztiaz ere".
news
argia-683a1b5d82d2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/sebastien-castet.html
"Euskara ataleko negoziazioek porrot egin dute"
Mikel Asurmendi
2015-11-08
"Euskara ataleko negoziazioek porrot egin dute" Donibane Lohizune, 1976. Euskal Konfederazioko eleduna. AEKko irakaslea da, Azkaine eta Senpereko Gau-eskolen arduraduna. Bere aburuz, Baionan urriaren 24ko manifestazioan  entzun ziren "Euskara hizkuntza ofiziala!" eta "Euskal Herri Elkargoa!" lemak Ipar Euskal Herriak behar duen instituzioaren aldeko deiadar ozenak dira. 7. Deiadar ekitaldiak milaka lagun batu zituen Baionako karriketan. Euskal Konfederazioko eledun Sébastien Castet honela mintzatu zitzaigun manifestazioaren biharamunean: "Deiadar manifestaldien historian lehen aldikoz, lurraldetasunaren problematika hizkuntzarenari gehitu zaio. Ondoko hilabeteak erabakigarriak izanen dira. Herri kontseilu guztiek Ipar Euskal Herrirako Elkargo bakarraren alde edo kontra bozkatu beharko baitute. Urriaren 24an bildutako 5.000 pertsonek "baietz" argia eman zuten. Manifestazioa Euskal Konfederazioak eta Baterak elkarrekin deitua izan zen. Zer adierazten du horrek? Bateraren sorreran hainbat eragilek parte hartu zuten. Euskal Konfederazioa hastapenetik da haren kide. Azken urteetan Euskal Herriaren instituzionalizatzea da gehien aipatutako gaia, alta, oroitu behar dugu Baterak lau aldarrikapen dituela: berezko unibertsitatea, Laborantza Ganbara, Euskal Instituzioa eta euskararen ofizialtasuna. Azken eskakizun horren eramailea Euskal Konfederazioa da. Lau sektoreek elkar osatzen eta sostengatzen dugu. Laster, Batera karabanaren bidez Elkargo bakarraren aldeko sozializazio lana eginen da herriz herri, helburu argi batekin: ahal bezainbat herriko kontseiluk Elkargoaren alde bozka dezaten heldu den udaberrian, Elkargoaren sortzeak euskararentzat suposatzen dituen onura guztiekin. Nola dago Euskal Konfederazioa? Indartsu. 20. urtemuga bete du aurten. Euskararen alde edo lanean ari diren elkarte guztiak federatzen ditugu: AEK, Seaska, Euskal Haziak, eskola elebidunak, Berria egunkaria, Euskal Irratiak, Bertsularien lagunak... Elkarte guztien onerako, botere publikoen lanaren akuilua gara, bereziki legeen esparruan laguntzen duena. Herritarrek euskararen inguruko interesa atxikitzen dute? Euskalgintza osasuntsu al dago? Egoera ez da idilikoa, baina 20 urtetan urratsak eman dira. 2005 urtea mugarria izan zen, orduan sortu baitzen Euskararen Erakunde Publikoa (EEP); hizkuntza politika garatzeko ardura duen erakundea. EEPren eskutik heldu zen Hizkuntza Kontseilua. Horiek sortu bagenituen, euskalgintzan eramandako lanari esker izan da.    AEKko langilea ere bazara. Euskara ikasteko eskaera mantentzen da? Bai. AEKn 1.000 ikasle ari dira Gau-eskoletan, eta paraleloki, formakuntza ematen dugu herriko etxeetako langileentzat, baita administrazioaren hainbat langilerentzat ere. 200 langile inguru formatzen dugu euskaraz urtero, beraz, guk eskaerari ongi erantzuten diogu. Bestalde, irakaskuntzan, Seaska ikastoletan murgiltze eredua hautatzen duten gurasoen eskaera emendatzen ari da; eskola pribatuan nahiz publikoan ere elebitasuna handitu da. Eskaera badago, baina  horretarako egiturak sendotu behar dira: AEK-k 30 langile ditu, Euskal Irratiak elkarteak beste hainbeste. Adibide bi baino ez dira. Egun, ekimen berriak garatzen eta koskortzen ari dira. Baina, egia da, gero eta proiektu gehiago garatzen ari gara,  eta horiei ekiteko baldintzak ez dira onenak. Hau da, legeari eta finantzazioari dagokienean blokeo egoera batera iritsi gara. Hain zuzen ere, EEPk abiatutako hizkuntza politikak eman zezakeen guztia eman du, dirudienez.    EEPk sabaia jo du gure ustez. EEP sortu bezain laster, Euskal Konfederazioan ari garen kideak deitu zituen arloz arlo, haiek garatu nahi zuten hizkuntza proiektua bideratzeko. Eratu zenetik gaur egunera aurrerapausoak eman dira, hizkuntza publikoa eramateko ez baitzen deus egituraturik, hau da, sortu zenean dena egiteko zegoen. Abantzu hutsetik abiatzen garenean erraza da aitzinatzea, haatik, une batetik goiti, legea ez badago gure alde eta diru baliabideak eskasak badira muga jotzen dugu. Guri hala gertatu zaigu. Gure ustez, beste fase batera pasa behar dugu. Esaterako, eguneroko beharrei lotzeko, ezinbestekoa da euskal instituzio politikoa izatea. Izan ere, batetik, instituzio horrek erabakiko luke zenbat diru esleitzen dion hizkuntza politikari, eta bestetik, finantzamenduak negoziatuko lituzke Estatuarekin eta Erregioarekin bereziki. Euskarak hats eta bultzada berriak behar ditu. Iparralderako instituzio politiko sendoa behar dugu, hizkuntza politika ausartagoa aitzina eramateko.    Anartean, Hautetsien Kontseiluak kudeatzen duen proiektuko ekimen gutxi izanen dira finantzatuak. Zer gertatu da? Oroitu behar dugu Garapen Kontseiluari galdetu izan zitzaiola ekarpen bat egiteko. Lurralde Kontratua sinatzeko zorian zen orduan, eta hainbat atelier muntatu ziren. Euskarari buruzkoa izan zen horietako bat. Euskal Konfederazioak parte hartu zuen horretan beste eragile batzuekin batera. Atelierretik atera ziren ondorioetan oinarriturik, Hautetsien Kontseiluak euskararen aldeko ituna proposatu zuen. Ituna Lurralde Kontratuan negoziatu behar zen, hiru atal zituelarik. 1. atala: Hezkuntza Ministerioarekin lehentasunezko norabideen negoziatzea, irakaskuntza esparruan. 2. atala: euskararen formakuntza profesionala. 3. atala: EEPren aurrekontua emendatzea. Horiek horrela, gure sektoreak 3 milioi eurotik 6 milioira pasatzea eskatu zien espresuki Lurralde Kontratuaren partaideei: Estatua, Erregioa eta Departamenduari. Alabaina, itun horretako lehen bi puntuei buruz ez daukagu inolako berririk. Hezkuntza Ministerioarekin negoziaketak ba ote diren ere ez dakigu. Profesionalen formakuntzaz deus ere ez. Azken hilabete honetan jakin dugun bakarra da, EEPk erranik, hiru instituzio horietatik heldu behar zen dirua ez dela emendatuko. Hala ere, Hautetsi eta Garapen kontseiluek dena ez dute ezkor baloratu. Euskalgintzako kideekin adostutako klausula baten bidez negoziatzen segi dezaketela adierazi dute.   Guk egiten dugun konstatazioa hauxe da: euskararen inguruko negoziazioek porrot egin dute. Eragileen aldetik bazegoen konstatazio hori, baina klase politikoak ere badaki jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eman behar zela euskararen alde. Hautetsi batzuek gainera azpimarratu zuten euskara Lurralde Kontratuaren funtsezko atala dela, euskarak egiten duela Lurralde Kontratua berezi. Beraz, euskarari negoziaketan ez bazitzaion behar duen garrantzia ematen, batzuek erran zuten ez zela Lurralde Kontratua izenpetu behar. Negoziazioek porrot egin dute, baina Lurralde Kontratua izenpetu dute. 2017an Kontratua berrikusteko itxaropena atxiki dute, nonbait. Bai, hori entzun dugu. Orduan Kontratua aztertuko dela berriz ere. Hau, hori eta beste erran dute, baina euskarak ezin du gehiago itxaron. Blokeatuta gaude. Lege esparruan ez bada aurreratzen Parisen, bederen bien bitartean diru funtsak desblokeatu ditzatela, EEPk hizkuntza politika hobeto eramateko eta euskalgintzako eragileek ditugun hamaika proiektu garatzen laguntzeko, ezinbestekoak baitira. Pays egitura gaindituta dago eta   trantsizio garaia da oraingoa. Arriskutsua eta erabakigarria. Eragile guztiek hori diote. Nik ez dakit arrisku momentua den, ezta Pays egitura gaindituta dagoen. Nire ustez, bidegurutze batean gaude, erabakigarria naski. Gisa guztiz, bizi dugun kinka aldatuko da. Eta aldatzeko parada badago, iraganean bai klase politikoaren bai jendartearen –Lurralde Kolektibitatearen aldekoak– adostasun zabala izan zelako gure aldarrikapenak erdiesteko. Frantziako Gobernuak Lurralde Kolektibitateari ezetza eman zion eta prefetaren bidez alternatiba berri bat proposatu du orain. Eta guk oraindik ez dakigu nola deitu hortik aterako den egiturari. Baina, funtsean, Elkargoak bakarra izan behar du Euskal Herriarendako. Batera eta Konfederazioko kide bezala diot: guk Euskal Herriak instituzio bat izateko aukera ikusten dugu. Elkargo hori Lurralde Kolektibitatea erdiesteko bitarteko etapa bezala ikusten dugu oraingoa. Elkargo bakarrak pauso koherenteak eta ongi koordinatuak emanez gero, gutxieneko garapen harmonizatua izaten lagundu behar digu arlo guztietan, gutxieneko instituzio hori behar dugu bide egiteko. Erran gabe doa, Pays egituran gure burua arras mugatua ikusten dugu. Ezin dugu 2017 urtera arte itxaron. EEPko buru Frantxoa Maitiak errana: "Lurralde Kontratuak ez du diru gehiago eman behar euskarazko irakaskuntzan, herri elkargoek baizik. Guretzat instituzio bakoitzak bere erantzukizuna dauka, kasu horretan Akitania Erregioak. Frantxoa Maitiak Lurralde Kontratuaren negoziaketa eta euskararen aldeko ituna aipatzen ditu. Alta, Estatua, Erregioa eta Departamendua dira itun horren partaideak, eta ez herrien elkargoak. Arras tronpatu da hori erranez. Hautetsien Kontseiluak hiru instituzioei eskatu die EEPren aurrekontua bikoiztea. Noski, herri elkargoek dirua eman nahi dutela? Bada, bikain. Baina herriak eta herri elkargoak ez dira Lurralde Kontratuaren partaideak. Beraz, EEPren ikusmoldea ez da zuzena, ez dira gauzak nahasi behar. Estatuak, Erregioak eta Departamenduak Hizkuntza Politika ontzat eman dute, baina orain, dirudienez, ezin dute lortu behar den finantzazioa, eta beraiek hitzartutakoa ezin dute bete. Beraz, hor badago inkoherentzia bat: ontzat ematen dute hitzartua, baina aldi berean ez dute sosa ematen.
news
argia-5b8cc97ea563
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/hitzarmen-ekonomikoaren-aldebikotasun-hutsala.html
Hitzarmen ekonomikoaren aldebikotasun hutsala
Baleren Bakaikoa Azurmendi
2015-11-08
Hitzarmen ekonomikoaren aldebikotasun hutsala Ekonomia Hitzarmena, beste behin, auzitan dago. Espainiako Estatua zentralizatu eta modu bakarrekoa gura dutenek pribilegioa dela diote, bertan behera geratu behar duen pribilegioa, espainiar hiritar guztiek berdinak izan behar baitute eta berdintasun horren aurka omen doa Hitzarmena. Aldebikotasun legea balitz, hau da, berdinen artean eratutako legea balitz Ekonomia Hitzarmena, ez ginateke beldurrez egongo euskal hiritarrok. Baina Estatuak du eskumena eta EAEri eta Nafarroari lagatako zerga araua da, hemengo erakundeek kudea dezaten. Bidenabar, azpimarratu behar da gobernu zentralari ordaintzen diogun Kupoa, solidarioa dela alde aunitzetik: Estatuak eratutako Funtsa Solidario delakoari %6,24ko ekarpena egiten zaio; Estatuak gordetako eskumenak finantzatzeko portzentaje bera ekartzen diogu; EBri Espainiako Estatuak ekarritakoaren %6,24 ordaintzen dugu, baina kasu honetan Hego Euskal Herriak EBtik guk jarritakoa baino gutxiago eskuratzen dugu, ez ordea Espainiako Estatuak; Estatuak zor publikoarengatik ordaindu beharreko interes erraldoien %6,24 gauzatzen dugu; azkenik, Kupoaren portzentajea gainbaloratuta dago, gure BPG eta populazio erlatiboa %6,24tik behera baitago (%6,14 eta %4,63, hurrenez hurren). Hemendik, EAEko harremanak Estatuarekiko modu honetako aldebikotasunean oinarritu nahiak ez du etorkizunik eta hori ikusi beharko luke Urkullu jaunak. Estatu bateko azpi-estatua, kasuan EAE eta Nafarroako Foru Erkidegoa, eta Estatua bera ezin daitezke parean egon,  Estatua haien gainetik baizik. Horregatik auzitan jartzen digute Ekonomia Hitzarmena. Ekonomia Hitzarmenak berdinen arteko adostasun itxura dauka bi herrialdeetako ordezkariek osatutako Batzorde Mistoan gauzatzen delako. Edozein izanda ere desberdintasuna, Batzorde Misto horretan argitzen dira diferentziak eta erdietsitako testua Estatuak onesten du eta berdin Nafarroak edo EAEk. Horrela, itxuraz bederen, aldebikotasuna ematen da. Alta, hori gezurtatzeko nahikoa dugu 2002ra itzultzea. Izan ere, aurreko Ekonomia Hitzarmena, 1981ekoa, 2001eko abenduaren 31n amaitzekoa zen eta berri bat negoziatu. Negoziazio horrek ez zuen fruiturik eman eta gobernu zentralak, Aznar buru zela, indarrean zegoen testua luzatu zuen, Jaurlaritzaren eta hiru euskal aldundien gainetik pasaz. Luzapen hori gauzatu aurretik, EAJko zenbait eledunek esan zuten horrelako zerbait gertatzen bazen, gerra aitorpentzat hartuko zela: ez zen ezer gertatu. Jokaera horrekin gobernu zentralak garden utzi gura zuen nork duen agintea. Nafarroak edo EAEk emaniko eskumenak bakarrik dituzte eta edozein unetan bertan behera gera daitezke. Hala ere, autonomia erkidego orok ez ditu eskumen berdinak, EAEk eta Nafarroak foru sistema gorde baitute. Ibarretxeren Estatutu berriak ere horrelako zerbait proposatu zuen, baina badakigu nolako muturrekoa eman zion Estatuko Legebiltzarrak. Eztabaidatzen ere ez zuen utzi. Hor ikusten da Estatuko alderdi nagusien borondatea barne nazio arazoak konpontze aldera.  Gaur egun ere, Jaurlaritza saiatu da Espainiako gobernuburuarekin solasten. Baina ez du erantzunik jaso. Horrek adierazten du zer-nolako jarrera duen "parekideak". Beraz, aldebikotasunak jai du eta errealagoa da aldebakartasunetik jotzea, Kataluniaren aferan ikusten den moduan, Espainiak bakarra eta unibertsala izaten jarraitzen baitu.
news
argia-baf722ab3957
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/zergatik-dut-min-barrabiletan.html
Zergatik dut min barrabiletan?
Jabier Agirre
2015-11-08
Zergatik dut min barrabiletan? Barrabil bat bestea baino beheraxeago kokatua egotea ez da inola ere kezkatzeko arrazoia, batzuk pentsatzen duten bezala, ezta alde bateko barrabilaren eta beste aldekoaren tamainak diferenteak izatea ere,  kasu gutxi batzuetan izan ezik. "Barrabilak fetuaren sabel barruan sortzen dira, eta pixkanaka beherantz jaitsiz doaz, jaio aurretik barrabil-zorroan kokatzeraino. Litekeena da bietatik bat bestea baino gehixeago jaistea, baina eskrotoaren barruan dauden bitartean ez dago patologiarik". Madrilgo Gregorio Marañón Ospitaleko Urologia Zerbitzuburu Carlos Hernándezen hitzak dira. Behin edo behin, barrabiletakoren bat edo biak ez dira zorroraino jaisten –kriptorkidia esaten zaio horri, "ezkutuko barrabila" esan nahi du– eta orduan bai, barrabil hori jaistea lortu beharra dago nola edo hala, kasurik gehienetan ebakuntza kirurgiko baten bidez, batez ere bi urtetik gorako mutikoen kasuan. Tamainari dagokionez, ez dute aparteko galderarik izaten urologia kontsultetan, bolumenean izandako handitzea edo txikitzea oso-oso nabarmena ez bada behintzat. "Gizon gazteek egiten dizkigute kontsultak gai horren inguruan, barrabiletako minbizia usuagoa baita horien artean, batez ere molestiaren bat edo koskorren bat edo aldaketaren bat sumatzen badute",  Hernándezen esanetan. Bere esperientzia profesionalean oinarrituz, Hernándezek dio gizonezkoak ez direla asko kezkatzen barrabilen tamaina eta itxuragatik, eta jarrera desberdinak izaten direla adinaren arabera. "Paziente gazteak gehiago kezkatzen dira kontu horiez, ez ordea urte gehiago dituztenak". Traumatismoen erdia, kirolean Traumatismoak, inflamazioak, tumoreak, barikozeleak (barizeak) edo likido-pilaketak (hidrozelea) dira barrabiletako patologiarik usuenak. Traumatismoen %50 kirola egiten den bitartean gertatzen dira eta %9 motor edo auto-istripuetan. Patologiaren arabera sintomak desberdinak dira. Barikozeleek min arina eragin dezakete, baina min zorrotzik ez. Hanturak –orkitisa esaten zaio– tamaina handia, min bortitza eta batzuetan sukarra ere ekar ditzake. Barrabiletako minbiziak, berriz, ez du minik eragiten; tamaina handituak eta ingurua gogortzeak emango digute minbiziaz susmatzeko arrazoia. Zer egin min gogorren bat edo sintoma arraroren bat agertuz gero? Bat-bateko min gogorra hantura edo infekzio batek sortua izan daiteke, edo barrabiletako tortsio edo bihurdura batek bestela. Ez bada denbora laburrean baretzen edo desagertzen, larrialdi zerbitzura joan behar da, behar bezala diagnostikatzeko. Izan ere, barrabiletako tortsio bat ez bada aurreneko sei orduetan diagnostikatu eta konpontzen, barrabila galtzeko arriskua dago, organora odolik ez baita iristen, eta lesioak atzeraezinak izatera irits baitaitezke. Ez utzi medikuarengana joateari lotsagatik Laburbilduz, espezialista batengana joatea komeni da beti, molestia horiek, tamainan edo sendotasunean barrabiletan gertatutako aldaketa horiek aztertu eta kasuaren garrantzia baloratu dezan. Ez da komeni sintoma horiek gutxietsi eta, lotsa edo ezjakintasunagatik, geroko luzamenduetan ibiltzea. Mina, maiz izan arren, ez bada handia, edota barrabilak tamainaz handituta egonik ere minik edo gogortasun berezirik ez badago, espezialistaren balorazioa gerorako utz daiteke.
news
argia-16f3c6ba0fd2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/jose-yoldi.html
"El Pa�sen gisako hedabideetan ezin zaio sekula nagusiari pentsatutakoa osoki esan"
Sustrai Colina
2015-11-08
"El Pa�sen gisako hedabideetan ezin zaio sekula nagusiari pentsatutakoa osoki esan" "...aurrean papera ta atzean papera...". Francoren azken hatsa, trantsizioa... Eta zu kazetari.  Kongresuan gobernatzen zuten prokuradore frankistek euren harakiria sinatu zuten demokraziara pasa behar ginela erabakiz. Diktadurapeko urteek eragindako erru sentimendu itzela zeukaten, zinez zirena demokraziaren maskaraz janzteko premia morala. Hala, ezkertiarrak, progresistak, edo besterik gabe, aldaketa desio genuenok eferbeszentzia betean bizi ginen. Kale kantoi guztietan zegoen manifestazio bat, kazetariok lanbidea adierazpen askatasunaren egarritik ulertzen genuen, azken odol tantaraino borrokatzen genuen idazten genuen hitz bakoitza... Orduko inongo kazetarik ez zuen onartzen kakotx bat aldatzea, hitza galarazten zigutenean sekulako zalaparta izaten zen, zentsura arazo bat zen eskuinarentzat. Karrikan, ordea, ez zenuen paperean zenuen askatasunik. Manifestazio batera joan eta parekoek kazetaria zinela susmatze hutsa aski zen muturra txikitzeko. Poliziak ez zuen jasaten bere gehiegikeriei oihartzuna ematea. Horixe zen zegoena, eta hala ere, egungoa baino prentsa libreagoa zen. Egunkariak bankuen esku dauden garaiotan, ez dago zentsuratzea baino errazagorik, ez daukazu telefonoa hartu beharrik ere.    Zentsuraren atzaparretatik libre, ez zineten ohartu GALen atzean zegoenaz? Hastapen-hastapenean ez, baina nahiko azkar antzeman genuen nondik nora zihoazen tiroak. Izugarrikeria da GALena, barrabaskeria hutsa. Garai hartan, ordea, bestelakoa zen Espainian pausatzen zen dilema: "Zer nahiago duzu, hiltzen gaituztenak garbitzeko komandoak sortzea ala estatu kolpea?". GAL agertu zenean, estatu kolpe saiakera eta arriskuak etengabeak ziren. Militarrak frankismoaren morroiak ziren, alderdi komunistaren legeztatzeak asaldatuta zebiltzan eta kuarteletan ez zegoen estatu kolpeak proiektatzea beste zereginik. Agintera iritsi zenean, Felipe González urak baretzen ahalegindu zen, baina ibaia nahasi eta zikin zetorrela oharturik, GALi aurrera egiten laga zion. Errazena egin zuen, errotutako ekinbide bati bide eman. Izan ere, gerra zikina GALekin hasi eta GALekin bukatu zela uste dute askok, baina lehenagokoak dira Batallón Vasco Español eta enparauak.   Ustelkeria ere ordutik dator? Frankismoan ahaltsu eta agintarien arteko negozioak eskutik eskurakoak ziren eta ongi lotuta utzi zuten dena. Trantsizio garaian negozioek bere horretan segi zuten, baina gure begiek arlo politikoari erreparatzen zioten, ez hainbeste mahaipeko ekonomiari. Diktaduratik gentozen, muturrak oso markatuta zeuden, eta bakoitzak bere aldera ahal bezainbat tiratzen zuen arren, sokarik ez haustea zen garrantzitsuena. Sokarik hausteko arriskurik ez zegoenean, 90eko hamarkadan, pelotazoaren kultura k biltzen duen ustelkeria kasuen udaberria loratu zen. Jende oso boteretsua zipriztindu zen, jende ahaltsua harrapatu, baina gardentasunaren eta zintzotasunaren ikasgaiak barneratu beharrean, "zuk ez baduzu lapurtzen, beste batek ostuko du eta zu tonto hutsa izango zara!" leloa zabaldu zen. Horregatik segi dute ebatsi dituztenak ebasten. Alabaina, ez gaitezen engaina, alderdi politiko baten inguruko ikerketa bat abiatzen denero ez da Estatuaren kontrol egiturak zoli ibili direlako, sistema ustel horretatik kobratzen zuen eta baztertua izan den norbait hizketan hasi delako baizik. Pozueloko zinegotzi baten mendekutik datoz Gürtel eta Bárcenas auziak, ez Estatuaren zorroztasunetik. Non daude Estatu egiturak?  Inork jakitekotan, zuk jakingo duzu.  Ez dakit ez Estatu egiturak non dauden ezta zertarako balio duten ere. Zertarako balio du Kontuen Auzitegiak? Alderdi politikoei buruzko ikerketa bat zabaltzen denero, PPk eta PSOEk proposatutako bi sailburuk dute ikertzeko ardura. Ezagutzen duzu otsokia jaten duen otsorik? Ustelkeriaren aurkako sarea lodia dela uste du jendeak, horregatik eskapatzen direla arrain zenbait. Alderantziz da, ordea. Oso sare fina da, finegia. Arrain txiki guztiak harrapatzen ditu, baina arrain handiek euren pisuarekin puskatzen dute sarea. Denok dakigu Rajoy Bárcenasen paperetan ageri dela, espetxera bidean zenean animo mezua bidali ziola, baina uste duzu epaile batek deklaratzera deituko duela? Inpunitate osoa dauka, sarean harrapatuta ere sarea hausten du.  Nola josi zen "Dena ETA da" sarea? Dorronsoro Malaxetxebarria ETAko kidearen atxiloketan topatutako paperetan, ezker abertzale osoaren organigramak, etorkizuneko asmoak, egitura eta erakunde bakoitzaren egin-beharrekoak... zirenak eta bi atzeman zituzten. Hala, mataza osoa desegin arte tira zion hariari Garzonek. Pasa egin zirela? Baliteke, baina ez paperen erabileran, guardia zibil edo poliziaren txostenak froga bezala erabiltzean baizik. Aski zen tipo bat borroka antiterroristan aditua zela esatea bere txostena frogatzat hartzeko, eta gehien-gehienetan, txosten horiek gerta zitekeenari buruzko analisi pertsonalak besterik ez ziren. Garzonek bazekien ETAren indarra ez zegoela komandoetan soilik, eta makinaria ongi olioztaturik, ingurua itotzeari ekin zion. Ezker abertzalea arnasarik gabe utzi zuen, horrek mugimenduaren baitako kriki-krakak azaleratu zituen, eta azkenean, ezker abertzaleak berak esan dio ETAri bukatzeko.  Eta nork esango dio Espainiari ingeniaritza juridikoa bukatzeko, legerik ez behartzeko? Hasieratik egon naiz Parot doktrinaren aurka. Europaz paso egin eta Frantzian betetako kartzela urteak Espainian aintzat ez hartzea onargaitza zait. Solitarioan jolasten hasi eta tranpak egitea baino miserableagorik ez dago. Demokrata bazara, zure buruari jarri dizkiozun legeak bete behar dituzu, ez dago besterik. Nazioarteko zuzenbidean, ordea, astoa eta azenarioarena gertatzen da, zigorrik ezean alferrik direla errietak. Onerako edo txarrerako, nazioarteko zuzenbidearen zigor arloa lotsan oinarritzen da, harrapatuz gero dimititzean. Jakina, Norvegian edo Alemanian balio du horrek, Espainian ez. Espainian inork ez du dimititzen, eta okerragoa dena, mesede bat egin izanaren uste osoz lasai-lasai egiten dute lo.  Zuk argitaratutako informazioaren ondorioz, alta, Carlos Divar Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialeko presidenteak dimititu behar izan zuen.  Baina ez zuen berak dimititu, dimitituarazi zuten. Carlos Divarrek espiritu santuaren oinordeko zuzentzat dauka bere burua, eguneko 24 orduak Auzitegi Goreneko presidentea zela aldarrikatzen ematen zituen, eta atera nuen informazioak hormaren aurka jarri zuenean oso gaizki kudeatu zuen egoera. Erregea bezala, antzerki apur bat egin eta berriz gertatuko ez zen akats bat izan zelako damututa agertu balitz, bere postuan jarraituko zukeen, sosa itzulirik edo itzuli gabe. Oilarra baino tenteago jarri zen, ordea. Prentsari azalpenak emateari uko egin zion, eta akats larriagoa dena, etxekoei ere ez zien txintik esan nahi izan. Harrokeria horregatik kendu zuten paretik, ez eskua poltsan harrapatu nuelako. Hala, eskandalua lehertu zenean, lagun bati halakorik ez zaiola egiten leporatu zidaten bere jirakoek. Ez, ez, ez, 30 urteko errespetuzko harreman batek ez du inor lagun bihurtzen. Iturri bat zen niretzat, ez gehiago ez gutxiago. Berak ETArekin kolaboratzen ari naizela susmatuko balu atxilotuko ninduke, ezta? Ni kazetaria naiz eta tipo hori ustela dela frogatzeko elementuak baldin baditut, kontatu egingo dut. Bizitzan idatzi ditudan zaplazteko periodistiko handienen bezperetan beti eman diet jo-puntuan nituenei defendatzeko aukera, baina hortik aurrera... Esklusibarekin nagusiarengana.  Esklusiba batek harrotzeko motibo behar luke egunkariarentzat, baina sekulako buruhaustea izan daiteke zuzendariarentzat. Denetik dago. Kazetari batzuk esklusiba gezurta ezinetan dira espezialistak. Zuk ETAk arma nuklearrak dauzkala argitaratzen baduzu, nork egingo dizu kontra, ETAren prentsa bulegoak? Hori ez da ez esklusiba ez ezer, eta zure nagusia kazetaritzaren deontologoa izanda ere lasai joango da etxera. Alabaina, El Corte Inglésen alde bateko eta besteko anaiak haserretu direlako barne gerra dagoela deskubrituko bazenu, zurbil baino zurbilago begiratuko lizuke. Ederki daki El Corte Inglések bere fakturazioaren %1 medioetan publizitatea jartzen inbertitzen duela. Halaber, nola uste duzu begiratuko dizula zuzendariak administrazio kontseiluan bere ondoan esertzen den eta ostiralero padelean kide duen bankuko presidentearen trapu zaharrak aireratzen badituzu? Notizia batzuk ezinbestez publikatu behar dira, ez dago beste erremediorik, baina kazetaritzak itzal asko ditu. Zenbat mediok jarraitu dute oso berandura arte, gezurretan ari zirela jakinda, Martxoaren 11ko atentatuen atzean ETA zegoela zabaltzen, PPren inguruko diru eta informazio iturriak ez ixtearren? Medioan bertan dago ikerketa kazetaritzaren etsai handiena? Hedabideak botere ekonomikoaren esku lagata mozten zaizkio ikerketari hegalak. Ikusi duzu Banco Santanderri, BBVAri edo El Corte Inglési buruzko ikerketa erreportajerik? Ez. Siriako mugan klandestinoki sartzeari deitzen zaio ikerketa kazetaritza, eta zergatik ez esan, bahitzen bazaituzte askoz hobeto, audientzia altuagoa. Lubakietako kazetaritzaren izugarrizko pedigria daukagu. Errefuxiatuen trenean joan nahi dugu, etorkinen pateran itsasoa zeharkatu... baina noiz hasiko gara boterea daukaten indarrak ikertzen? Prentsa bulegoek dena kate motzean lotuta daukatela? Ados, horretarako daude, galderarik sortzen ez dizkizuten errealitateak saltzeko, euren lana zurea erraztea dela sinestarazteko. Ez dut sekula ahantziko gaur egun hedabide handi batean zuzendaria denak Barne Ministerioko prentsaburua zenean, egiten nion galdera egiten niola, erantzuten zidana: "Ez dugu ez baieztatzen ez gezurtatzen... ezta baztertzen ere!". Beti pentsatu dut esaldi horren atzean errefuxiatuen tren batean baino zer ikertu askoz gehiago zegoela.  Barne Ministerioan gaudeno, ikertu dezagun botereen arteko banaketa.  Hauteskundeetan lortutako gehiengo osoari esker, parlamentua eta gobernua PPrenak dira, baita buruzagitza judiziala izendatzen duten botere judizialeko bokalen hautaketa ere. Hori hala, egun Gürtel auzia epaitzea dagokien bi magistratuetik bat PPrekin afinitatea edukitzeagatik errekusatuta dago, eta bestea sute tamalgarri haren ondorioz Gaztela eta Leongo Juntako sozialisten aurkako jazarpena antolatu zuena da. Bi epaileok sena galdu eta akusatuak kondenatuko balituzte, Auzitegi Goreneko bigarren salara iritsiko litzateke afera, eta horko presidentea ere PPk aukeratua da. Gaizki pentsatzeko gai ez garen jende xaloa garenez, demagun hor ere kondenak egongo direla eta azken hitza Konstituzio Auzitegiak izango lukeela. Kasualitatea zer den, Konstituzio Auzitegiko presidentea, kargua hartu bezperetaraino, PPko militantea zen. Botere banaketaz ari ginen, ezta?  2013ko EREak banatu zituen El País eta zure bideak.  Ni ez ninduen EREak kaleratu, nagusiek bota ninduten. Traba nintzen eurentzat, euren arauak betetzeko exijitzen zien eta lankideengan eragina zuen erresistente bat. Estilo liburu bat baldin badaukazu aplikatzeko da, erredakzioan estatutu batzuk baldin badaude betetzeko dira... Ez nintzen isiltzen, pentsatzen nuena esaten nuen eta El País bezalako hedabide batean ezin zaio sekula nagusiari pentsatutakoa osoki esan. Hala, El País etik kanpo ere bizitza badagoela ikasi dut, baina horrek ez du esan nahi ez zidanik minik eman. 29 urte daramatzazunean egunkari baten alde larrua jokatzen... Etxeko buzoian ez da inoiz nire izenik egon, telefonoa ez zegoen nire izenean, nire seme-alabei edozein pakete irekitzea debekatu diet beti... Soldataren parte zen eta ez nuen omenaldirik eskatzen. Hori bai, ez nuen etxekoen bizkarreko labankadarik espero.
news
argia-16ed434ca44a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/oroituz.html
Oroituz
Itxaro Borda
2015-11-08
Oroituz Urria erditsutan eman zuen azken hatsa. Adiskideak ginen, aspalditik. Eritasun tzar batek beste mundura eraman zuen, garaizegi: ehunka kidek –Agergarai-Olaso, Berzaitz eta Bedaxagar sendiez gain, Euskal Herrian zehar askok– dolu dute gaur Dominika Agergarai ez dutelako gehiago Zuberoako xendretan gurutzatuko. Badira jendeak, horrela, ez direnak sekula zinkurinaz eta auhenez entzuten. Umoreari eta arraileriari esker gainditzen dituzte zailtasunak eta saihetsean dauzkatenei are urrunago tematzeko kemena txertatzen diete. Alde horretatik Dominikak ez zuen parerik: zirtoak, bertsoak, gogoeta sakonak, kanta zaharrak eta berriak, azterketak, hitzak beraien zabalerarik eskuzabalenean erabiltzen zituen, biolentziari halatan bidea zerratuz. Ingurua pozez josiaz, Zuberoako laborantza eta kultura alorrean sartu zuen atzamarra: Habia elkarteko lehendakari izan zen, Urdiñarbeko Musika Egunaren sortzaile, Muskildiko pastoraletan arizale, maskaradetan buhameen prediku idazle eta hondar urteotan, Azkorri ardi-gazta kooperatibaren eraikitzaile. Saltsa zaporetsu guztietako zalia zen.  Umezurtz utzi gaitu.
news
argia-5599e972b84a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/orube-abandonatuak.html
Etzanarazitako argazkiak
Amaia Alvarez Uria
2015-11-08
Etzanarazitako argazkiak Orube abandonatuak Garazi kamio Elkar, 2014 Mario, Miren eta Maider dira Garazi Kamioren bigarren lanaren protagonistak eta eleberri honetako ardatzak. Hiru pertsonaia, hiru esperientzia, hiru belaunaldi. Baina aldi berean, partekatutako hainbat kontu dituzte. Hirurek izan dute bere bizitzan norabide aldaketa bortitza. Horren ondorioz haien ingurukoak urrun dituzte. Hori dela eta, higuina, beldurra eta antsietatea ohiko eta arrunt bilakatu zaie, eztarrian gora edo bizkarrezurretik gora agertzen zaizkie, nahi baino gehiagotan. Oso baliabide urri eta xumeekin eraiki du Kamiok nobela hau, hala ere, honen efektua handia da, irakurri ostean zurekin geratzen den horietakoa. Biluzia eta zuzena da bere prosa, pertsonaiek, egoerek eta irudiek hartzen dute pisua eta esangura ematen diote narrazioari. Mario, Miren eta Maiderren istorioak elkarrekin tartekatuta kontatuko dizkigu, modu linealean eta artifiziorik gabe. Haien pasio eta gorabeheren testigu bihurtuko gaitu, haien miseriaren voyeur , akaso haien patuaren erantzule ere bai.   Bazterretara begira jartzen gaitu egileak lan honetan, eta honen harira, duela gutxi zendu zen Eduardo Galeanoren Los nadies poema etorri zaigu burura: "...historia unibertsalean agertzen ez direnak, baizik eta herri aldizkarietako gertakarien atalean..." direlako. Outsiderrak, loserrak , subalternoak dira zentrora ekarriak. Mendebaldeko kultura garaikidearen hiru arotako adibideak ekarri dizkigu, "jarraitu beharreko bidetik" desbideratu direnak agerian jarriz. Egilearen lehen lanarekin, Beste norbaiten zapatak ipuin bildumarekin, joan etorriak ditu Kamioren bigarren lan honek: egunerokotasunaren iluntasun eta isiltasunei erreparatzen die, hausturak jasandako pertsonak ditugu orriotan, horri buelta emango dioten zain gaude irakurri bitartean, haien ezintasun eta oztopoak banan-banan ezagutuz. Baina hemengo tonua motelagoa da, goibelagoa, agertzen diren irribarreak antzeztuak baitira, bestelakorik ez dago. Inoiz sentitu duzue kalera irten eta "inor eta inork ikusterik nahi" ez izatea? Zuen burua ispiluan ikusteko erreparorik? Zuen bizitza orube abandonatu bihurtzen ari den susmorik? Hori da liburu honek erakutsi diguna. Hasierako Joseba Sarrionandiaren aipuak islatzen du testuaren mamia: "Exilio é se esconder num armário con medo de que alguém o abra e com medo de que nehum o abra" . Finean, "etzanarazitako argazkiei" buelta emango diezue hor nor dagoen eta zergatik dagoen ezkutuan jakiteko, liburu hau eskuartean hartzen baduzue.
news
argia-d05ed1007906
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/gure-basoak-izenak-izanak-eta-borrokak.html
Gure basoak: izenak, izanak eta borrokak
Nora Barroso
2015-11-08
Gure basoak: izenak, izanak eta borrokak Baso bat bilatzen genuen, baina ez genuen galtzeko basorik nahi, elkar aurkitzeko balioko ligukeena baizik; bai gure buruak, bai historiak eta bai memoriak zapalgailu bezala pasatako emakumeenak aurkitzeko. Historia eta memoria inperioen, gerren eta garaipen handien ikuspuntutik errezitatuak izan dira, bizitzari ekarpenik eman ez, baina haien poltsikoak ederki betetzen dituen kantua. Ez dugu memoria hori nahi; boteretsuena, erregeena. Bizitza, liburu eta aldizkari handietan ateratzen ez dena, bestelakoa da, eta horretaz asko dakigu emakumeok. Baso horri Zozaiako Mari izena jarri diogu, 1610. urtean Logroñon gauzatutako prozesuan eraila, ziurrenik artaldetik bereizten zelako, sotanei ez jarraitzeagatik. Maria Txokote izena ere izan zezakeen, eskapo egiteko aukera izan zuen Pasaiako sorgina. Edo Encarnación Nieto eta Francisca Martín enpresako batzordean parte hartu zuten lehen emakumeetakoak eta emakume gehiengoaz osaturiko 1920. urteko grebaren batzordean parte hartu zutenak; gizonen neurrira egindako eremuetan haien tokia izateko borrokatu zuten emakume sindikalistak. Basoari Agustina Otaola jar geniezaiokeen edo 1965. urtean profesionalak izan ziren inguruko erraketista batena. Hor daude ere Sara Carracelas eta futbol zelaietan arima uzten duten emakumeak; Ibaika, Pasaia eta Oiartzungo arraunlariak; eskualdean eskubaloiak eman dituen txapeldunak; eta bertsolaritzan Joxepa Antonia Aranbarri edo Oiartzungo Lukasia Elicegi adibidez, gizonen eremutan parte-hartzeagatik bidesari handia ordaindu behar izan zutenak, "azalean dagoen baina azalarazten uzten ez duten askatasunaren defentsa". Izan ere, haien neurrira egindako iraultzen kontaketak gizonek idatziak baitira. Aipamen berezia Mertxe Lopez Cotarelori eta Pilar Valles Vicuñari frankisten fronteak aurrera egin ez zezan borrokatzeagatik, 17 urterekin fusilatuak izan zirenak. Inguru hartatik ere Kasilda La miliciana zegoen; sindikalista, feminista eta milizianoa bera, gizonezko kideak atzealdean jasotzea erabaki zutenean, berak frontean jarraitzea hautatu zuena. Bigarren Mundu Gerran Red Comet eko emakumeak daude. Ezin ahaztu gure komandoattua, eta tortura jasan duten emakumeak, gure herrian borrokaz eta errepresioaz asko dakigula. Emakume feministen sareko kideak abortatu nahi zuten emakumeak Lapurdi, Zuberoa edo Nafarroa Behereko lurraldera pasatzen laguntzen zutenak. Baina Zozaiako Mari basoa deitu diogu, sutan bukatu zuten eta gu bezala desobedienteak ziren asaben omenez.  * Nora Barrosok sinatua. Oarsoaldeko Emakume Mundu Martxako kideek idatzia.
news
argia-7fbfd163184b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/hizkuntzak-eragile-instituzionala-behar-du.html
Hizkuntzak eragile instituzionala behar du
Jakes Bortairu
2015-11-08
Hizkuntzak eragile instituzionala behar du Ipar Euskal Herriko Lurralde Kontratua prestatzeko, euskara lan taldeak hizkuntza biziberritzeko urrats kualitatiboen nahiz kuantitatiboen baldintzak definitu zituen 2014an. Ondorioz, Hautetsien Kontseiluak instituzio guztiei euskararen aldeko paktu bat adostea proposatu zien elkarrekin jokatzeko hiru lehentasuni begira: •    Frantziako Hezkunde Nazionalarekin negoziaketa burutzea, irakaskuntza eskaintza garatzeko. •    Helduen formakuntza profesionala diruztatzeko fondo komuna sortzea. •    EEPren urteko aurrekontua bikoiztea. Urte eta erdi berantago, euskalgintzako herri mugimenduek lobby lan azkarra eginik ere, argi da helburua ez dela lortuko. Emaitza horietan buruzagi politiko bakoitzaren ardurak eta erantzukizunak ukatu gabe, huts egite horrek agerian uzten du Iparraldeko instituzio baten eskasia. Alabaina, politika emankorrak zutik ezartzeko arduradun politikoen borondatea ezinbesteko izanik ere, haren hezurmamitzeko tresna instituzionalik gabe ez da nahikoa. Tresna hori ukan gabe, nekez bidera daiteke hizkuntza politikak behar duen oldar berria. Nekez konbentzitu eta aurrera erakarriko dira hizkuntza politikan esku-hartze ekonomikoa duten gainerako instituzio mailak, Estatutik departamendura. Nekez sortuko da Hezkunde Nazionalarekin behar diren akordioak lotzeko indar harreman nahikoa. Nekez orokortuko da euskararen irakaskuntza normaltasun osoz, haur guztiei 10 urte barne eskaini beharko dieguna. Hots, Iparraldean euskararen egoerari buru egiteko hizkuntza politikak lurraldeko eragile instituzional indartsua behar du. Heldu den udaberrian Iparraldeko herriko kontseiluen bozketaren ondotik sortu daitekeen Herri Elkargo bakarrak mirakulurik eginen duenik nehork ez du uste. Berez mugatua izanen baita, eskumen, aurrekontu eta funtzionamenduaren aldetik. Estatuko austeritate politikak beste erakunde publikoak bezala jasan beharko baititu. Horren giderrak hartuko dituzten buruzagiak ez baitira, behar bada, aski konbentzituak eta ausartak izanen, behar diren neurriak hartzeko edota lehentasunak definitzeko momentuan eztabaida politiko biziak izanen baitira. Luza daiteke ahulezien zerrenda, baina segur dena da lehen aldikoz, Iparraldearen izenean mintzatu eta aritzeko eragile politiko instituzionala izanen dela. Ondorioz, hizkuntza alorrean definituak diren lehentasunak eta adostuak diren bide orriak gauzatzeko orain baino aukera askoz gehiago izanen dira.
news
argia-fe5b10ab4645
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/agur-maltzaga-agur.html
Agur Maltzaga, agur
Xabier Letona
2015-11-08
Agur Maltzaga, agur INDEPENDENTZIA eta EAJ binomioaz denetariko iritziak entzungo dira: EAJk ez duela inoiz independentzia serio bilatuko; edo akaso bai, baina independentismoaren presio handia beharko duela horretarako; independentziarako unea ikusten duenean, orduan bai, jauzia emango duela… Euskal Herrian independentzia oso urruti dagoela irudikatzen du egun independentistenak ere. Erabaki eskubidera hurbiltzen gara lantzean behin eta kito. ETAren ondorengora itxaron behar ei zen soberanismoan beste molde batez ekiteko, haren jardun armatuak elkarlana oztopatzen zuen eta. Eta hala zen, zalantza barik, baina  armak isildu ondoren elkarlan horren zantzurik ez da agertu, Gure Esku Dagoren ekimen oraindik nerabeetan ez bada. Jeltzaleek Estatuarekiko beste itun bat bilatuko zutela agindu zuten 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde programan, Madrilekin Kontzertu ekonomikoaren pareko kontzertu politikoa erdiesteko. Prozedura honakoa zen: Eusko Legebiltzarrean Autogobernu Lantaldea sortu, 2014aren amaierarako honek bere lana bukatu eta ondoren estatutu berri baterako testu artikulatua prestatu, 2015ean herritarrei kontsulta egiteko. Urriaren hondarrean iragarri zuen Joseba Egibarrek agindutakoa ez zela beteko, Lantaldearen lana luzatu dela eta ez dagoela denborarik testu arautua gauzatzeko. Edonor ohar liteke, ostera, euskal herritarrek erabakitzeaz ari garenean, denbora kontua baino serioagoa eta sakonagoa dela arazoa. Egibarren gertukoa den Xabier Barandiaran jeltzale eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak berak argi zioen EHUko udako ikastaroetan: ez dago independentziarako baldintzarik, hainbat arrazoirengatik, baina funtsean ez dagoelako horretarako indarrik eta estrategiarik; garaiak aldatu egin dira, abertzaleen arteko elkarlan eta komunikazio eza eta beste hainbat arrazoirekin jantzi zituen bere esanak (ikus Luistxo Fernandezen uztailaren 7ko Sustatuko kronika). GERNIKAKO ESTATUTUA hilda dago, esan zuen ELAk Gernikan 1997ko urriaren 19an. Sindikatuko idazkari nagusi ohi Jose Elorrietak, PPren garaiko Gobernuak estatutua betetzeko zuen asmo ezaren isla jartzen du Rodrigo Ratok –bai, egun ustelkeriagatik auzipetua den berak– INEMeko transferentziez orduan zioena: "Ez dira egingo, ez bizitza honetan, ez bestean" ( Esan eta Egin, Joxe Elorrietari elkarrizketa. ). Euskal gizarteko aktore asko asaldatu ziren, baina ekitaldi hartan izan ziren EAJ, EA, HB, Ezker Batua, Zutik, Elkarri, LAB, EHNE eta beste hainbat erakundetako ordezkari. Zerbait berria  ereiten ari zen eta urtebete eskasera han izandakoek Lizarra-Garaziko Ituna izenpetu zuten. Honek porrot egin ondoren, Ibarretxe Plana ernetzen hasi zen eta honen lehen hondoratze zantzuekin batera garatu zen Loiolako prozesua. Elorrietak dio begi onez ikusi zituztela biak, Ibarretxerenaz ordea, laster ohartu zirela ezin zela urruti joan: "Denboraren poderioz, inolako planik ez zeukala konturatu ginen eta, beraz, ez zuela asmorik kutsu soberanistako helburu hori aliantza politika batean oinarritzeko". Loiolako saioaz: "Ezker abertzalea ezin da gauza batean erratu. Ez du indar korrelaziorik, hori berak bakarrik lortzeko. Ezin du. Beraz, besteak ez dio emango. Euskal erabaki esparrua indar korrelazio arazo bat baita, batez ere". Ez dago oso garbi ezker abertzalea ohartu den orain ere bakarrik ezin duela, EH Bilduk oraintsu aurkeztu baitu Eusko Legebiltzarrean aurrera ateratzeko inongo aukerarik ez duen Kontsulta Legerako proposamena. Edo seguruenik badaki, baina orduan hobeto neurtu beharko luke txikira eta handira jokatzearena, behar baino lehenago ekimenik erre gabe. Eta EAJk zein indarrekin lortu nahiko ote du estatus politiko berria? Eusko Jaurlaritzan PSE-EErekin du akordioa, Gipuzkoako Diputazioan koalizioan gobernatzen du harekin, eta Autogobernu Lantaldean PSE eta PP noiz hurbildu zain egon da, EH Bildurekin bakarrik abiatu nahi izan barik. Zantzu gero eta gehiago daude: abertzaletasunaren bi adar nagusiak gero eta gehiago bakoitza bere aldetik ari da burujabetza estrategia berrien bila. Maltzagako gar beti ahul hori, pizten baino itotzen ari da ETAren ondorengo eszenatokian.
news
argia-b1f0d18a006f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/bahea-leire-narbaizak-info7-irratian-esandakoak.html
Bahea: Leire Narbaizak Info7 irratian esandakoak
Onintza Irureta Azkune
2015-11-08
Bahea: Leire Narbaizak Info7 irratian esandakoak "Gure sektorea hiltzeko jaio bazen ere, eutanasiak hilko du edo hobeto esanda, lasai hiltzen utziko dute, uzten ari dira. Bai, laster lanez aldatu beharko dut, hiltze luze honetan kabitu ezinda. Kontua da Euskal Herria ez dela euskalduna, gure ametsa ez dela bete; baina, hala ere, desagertu egingo gara. Poliki, atentzioa eman barik, ia inori ez diolako ardura helduen euskalduntzeak. Gelak husten ari dira, mila arrazoi direla eta. Batetik garestia delako oso, prezioak eskandalagarriak dira gure hizkuntza, ofiziala ere badena, ikasteko. 8 ordu astean ikasturte osoan 400 eurotik gora dago. Ez ahaztu gaztelania ikastea EAEn doan dela, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailaren eskutik. Euskara ez. (...) Eta euskaltegiak hortxe daude, zain, Euskal Herrian oraindik premia gorria dagoelako; sektorearen agonia, ordea, ondo hasita dago, utzikeriaz, nagikeriaz. Ezkorra naiz, baina gremioko asko ere hala daude, errealitatearen lekuko garelako. "
news
argia-b26448ba9fe8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/alemana-izan-edo-ez.html
Alemana izan edo ez
Jakoba Errekondo
2015-11-08
Alemana izan edo ez Ziabelar horiak ( Galium verum ) adina kumarina edo gehiago du bere ahizpa ziabelar usaindunak ( Galium odoratum ). "Kumarina" izena gai hori erruz duen tonka zuhaitzetik datorkio, Dipteryx odorata . Zuhaitz horri Guyanako tupi kulturan kumaru ere deitzen diote. Hortik frantsesezko coumarou eta kumarina bera. Landare askok du kumarina, pozoi indartsua. Eden hori duen belarra jaten duenak barne odoljarioa izateko arrisku ederra. Besteak beste, gure artean bortusaiak ( Ruta graveolens ), aingeru-belar landatuak ( Angelica archangelica ), apo-belarrek ( Verbascum spp.) eta itsabalkiek ( Melilotus spp.) kumarina puska bat dute; gutxixeago, baina larranbiloak ere badu ( Matricaria recutita ). Ez dira, jakina, gure azienden kuttunak... Larreetan aurrera eta atzera han ibiliko da animalia belarjalea, baina hozkaka motz moztutako gainontzeko belarren artean han geratuko dira tente asko, nabarmen. Kumarinak usain gozoa izanagatik, ugari badago, landareari mikatz ukitu polita eransten dio, eta hortzetatik babesten du. Batez ere, loreetan eta fruituetan metatzen da. Gure ahora, ordea, ez da mikatza. Itxuraz tabakoari ( Nicotiana tabacum ) nahasten zaio, ahogozagarri, dasta berezia kutsatzeko; batez ere, pipan erretzen denari. Sonatua izan zen, lehengo milurtekoaren amaiera aldera (1995), AEBetan enpresa tabakogile erraldoi bateko buru ohi batek zabaldu zuen berria: "arratoiak hiltzeko" erabiltzen zen gai bat nahasten zitzaion tabakoari, gozatzeko. Alemania izan zen erabilera hori galarazten lehena. Atzetik etorri dira besteak. Zenbait edariri ere nahasten zaio: muztio, brandi, ardo, vodka, garagardo... AEBetan 1954az geroztik galarazita dago jakiei kumarina eranstea. Alemanian, ordea, hori onartzen dute, eta, besteak beste, May Wine ardo berezia ziabelar usainduna erantsiz lurrintzen dute. Lurringintzan asko erabili izan da, gozo-gozo. Jende askorengan alergiak sortzen dituelako susmoen ondorioz, ordea, gero eta gutxiago. Alemanian bezala, nonahi kumarina maitatua eta gorrotatua. Izan ere, pozoia dosi kontua besterik ez da... Onetik ere gehiegiak kalte.
news
argia-738afd115dc5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/huntzaren-hostotza.html
Huntzaren hostotza
Jakoba Errekondo
2015-11-08
Huntzaren hostotza Huntzak, Hedera helix , bi hosto mota ditu. Hazten ari den bitartean, hosto ebakiak, palmatuak edo esku zabalaren itxurakoak zabaltzen ditu. Beste landare batean, harkaitz batean, horma batean, zutiko batean... Beti beste zerbaiten gainean hazten da. Azpian hartzen duenaren gailurrera iritsitakoan, loratu egingo da. Loratzeko, adarretan hosto borobilak edo ia borobilak zabaltzen ditu. Huntzak torto tontorretan irekitzen ditu loreak, haizeak hara-hona dabilkien polenak poliniza ditzan. Nektar asko dute, ordea, eta horrek erle eta bestelako intsektu jendea erakartzen du. Uda amaieran eta udazkenean, loreetan urria den sasoian, mama gozoa!
news
argia-2506e44efb73
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/arrastoak.html
Duela 2.500 urteko Siberiako zirujauak
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-11-08
Duela 2.500 urteko Siberiako zirujauak Errusiako Zientzia Akademiako zientzialariek orain dela 2.500 urteko medikuntza-tresna sorta aurkitu dute Siberian: zerra, hezurrak mozteko labana, matxardak, zundak eta egungo eskalpeloen antzeko lanabesa.   Formari eta erabilerari dagokienez,  pieza horiek bat datoz garai hartako Europako zirujauek erabili ohi zituzten tresnekin, zerra izan ezik, K.a. IV. eta II. mende bitarteko horrelako lanabesik ez baita aurkitu orain arte kontinente osoan.   Pavel Volkov ikerlariaren hitzetan, zera esan nahi du horrek: "Garai horretako Siberia hegoaldeko biztanleek kirurgiaren ezagutza sofistikatua zuten, Antzinako Greziakoek eta Erromakoek zutenaren parekoa".
news
argia-ace3116c3829
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2482/gaztetxeko-egiteko-moduak-behar-berrietarako-ere-balio-du.html
Gaztetxeko egiteko moduak, behar berrietarako ere balio du
Lander Arretxea
2015-11-08
Gaztetxeko egiteko moduak, behar berrietarako ere balio du Hamar urtek ematen dute askorako, eta tartean, aldatu daitezke beharrak, helburuak, kezkak… Irungo Lakaxita gaztetxea izango zena duela hamar urte okupatu zutenei hori bera gertatu zaie. Orduan hogei urte inguru zituztenek hogeita hamarrak gertu dituzte orain, eta etxebizitza, familia, lana eta antzeko kezkak pilatu dituzte bidean. Arazo berriei hasiera hartan aisialdi alternatibo faltari erantzun zioten modu berean egin diote aurre ordea. Hala dio Andoni Egiak: "Beti pentsatu izan dugu zer galderari baino, nola galderari erantzuna emateak izan behar zuela gure abiapuntua. Eta erantzun hau horizontaltasunean, autonomia politiko-ekonomikoan eta autogestioan aurkitu genuenez, egun sortzen zaizkigun behar, desio eta erronkei ere bide horretatik heldu diegu". Pasa den otsailean bete ziren hamar urte Irungo Anaka kaleko eraikina hartu zutenetik, baina jada bi urte dira gaztetxe abizena kendu ziotela. Bertako kideak adinean gora zihoazelako, batetik; baina batez ere, adin tarte zehatz batengana bideratu beharrean, jendarteko edozein sektorerentzat eraldaketa ekonomiko eta soziala bultzatzeko lanabesa izatea nahi zutelako. Jarraitzen du, hala ere, lehen zuen funtzioa betetzen: eragile politiko eta sozial askoren topaleku da: Irungo gazteak, etorkinen elkarteak, Kaleratzeak Stop... LKXT KOOP Autogestio ekonomikoarena ez da berria Lakaxitan, lehenago ere baratze-kooperatiba eta hacklaba martxan baitziren bertan. Baina, lehenengo solairuan atondu duten LKXT KOOP espazioaren bitartez, are gehiago ari dira garatzen. Batetik, hirigintza aztergai duen Hiritik-At kooperatibaren bulegoa kokatu dute bertan, eta bestetik, co-workingerako ere balioko duen bilera gela prestatu dute. Bertan, kooperatibak sortzeko aholkularitza eta laguntza eskaintzen dute. Horrez gain, bi ekoizpen eta kontsumo kooperatiba ari dira Lakaxita erabiltzen, euren saskien banaketa egiteko. Zaintza gunea ere laster abian Autogestio kolektiboa bizitzaren esparru gehienetara eramatea etenik gabeko lana da. Hala uste dute Lakaxitan, eta buruan dute dagoeneko hurrengo pausoak zeintzuk izango diren. Tartean, zaintzari dagokion garrantzia eman nahi diote. "Gure haurrak modu kolektiboan zaintzeko espazioa sortu nahi dugu, autogestioa alor horretara eramanez". Asmo gehiago ere badituzte: sukaldea eta barra kooperatibizatzea, egonaldi artistikoak egiteko guneak sortzea... Proiektu, kezka, asmo eta gune berriak, baina den dena, hasierako oinarriak mantenduz. Gaztetxeen egiteko moduak balio baitu bizitzaren beste esparruetarako ere. Hala frogatu dute Lakaxitan.
news
argia-dca5fb8e1e6b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/azal-apain.html
Azal apain
I�aki Murua
2015-10-25
Azal apain Baserriko lanetan inoiz aritu izan garenok maiz entzun izan dugu, gure eskualdean behintzat, azal-apain hitza, azalekoa jorratu edo apaindu esanahiarekin. Gehienetan, ordea, sakonago landu beharreko alorra, azala apaindu eta ondo landutakoaren itxurak eginda utzi dutela salatzeko, esanahiarekin erabili ohi zen. Orain ugaltzen ari dira gisa honetako jardunak eta psikologo bat etxean sarrarazten dugu geure nerabeek, umeek eta baita haurrek ere, burutik behera kaka egiten digutenean eta egoera bideratzeko gaitasunik ez dugunean. Personal Trainer bat behar dugu geure osasuna eta elikadura zaintzeko nahiz kirola nola egin orientatzeko; irudia zaindu nahi badugu ere ez dago Personal Shopper baten laguntza kontratatu besterik eta bera izango dugu itsu-aurreko arropa erosterakoan, geure burua edo etxea apaintzerakoan... eta Personal Shopper teknologikoa, gero eta gehiago beharko duguna sega-poto, iPhone, iPod, txartel festa... eta auskalo zenbat teknologia, guretzat ezezagun eta ikastezinezko, taxuz erabil ahal izateko. Antzeko izenduna, oraintsu arte dirudunen eskura baino ez zegoena, txoferra eta batzuentzat txoperra, autoa gidatzeaz gain hainbat aholku eman ere egingo zuena, seguru asko! Alde batetik, independentzia lortu nahian gabiltza eta bestetik, gero eta besteren mendekoago ez al gara? Gorago aipatu bitartekari horiek denak behar al ditugu geure buruaren jabe izateko? Ala, burujabe izan ez gaitezen sortutako, itxura batean beharrezko diren alferrikako eranskinak ditugu? Zertarako? Ondo pentsatuz gero, gaizki egiteko. Itxurakeria hutsak bete gaitzan! Zertarako  baino, behar ditugulako ala beharra sortzeko? Denbora izan arren, geuk behar ditugun gauzak ikasteko astirik ez dugulako hartzen? Zertarako hainbeste karrera, gradu eta titulu, sena galtzen ari bagara? Zertarako hainbeste lagun, denbora gehiena bakardade isilean okupatuta bagaude? Hainbeste etxe handi gero eta familia ttikiagoentzat? Hainbeste telesaio komiko irriño bat argazkia ateratzeko soilik egiten badugu? Bejon diezagula! Teknologian zenbat eta aurrerakoiago garen, orduan eta atzerakoiago gara harremanetan. Zenbat eta aholkulari gehiago inguruan orduan eta geu izatetik urrunago. Bizitza luzaroan irautea dela sinetsita bizia oharkabean doakigu. Inguruan (gauza, aholkulari...) asko izateak, geu (irudimena, sormena...) gutxi izatea dakar.
news
argia-a2eb2f5f812b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/klima-aldaketa.html
Munduaren geroak errezeta berriak behar ditu
Unai Brea
2015-10-25
Munduaren geroak errezeta berriak behar ditu Sistema aldatu, ez klima. 2009an Kopenhagen egindako klimaren gailurrean gizarte zibileko mugimenduek plazaratutako leloa indar biziz dator atzera, abenduan Parisen egitekoa den bilkura historikoaren atarian. Zientzialariei jaramon egitera, agortzear da beroketa globalarekiko epelkeriaz jokatzeko garaia. Ez da falta, hala ere, Parisko COP21en porrota dagoeneko iragarri duenik, egoera honetara ekarri gaituzten planteamenduak berriro mahai gainean ikusita. 1995etik urtero egin da klima aldaketari buruzko NBEren goi-bilera, ingelesezko COP siglekin ezaguna. Aurtengo azaroaren 30etik abenduaren 11ra bitartean egingo da hogeita batgarrena (COP21) Parisen, eta honezkero nonahi entzun eta irakurriko zenuenez, inoiz egindako garrantzitsuena izan daiteke. Horren zergatia labur azaltzen da: urte askoan luzamendutan ibili ostean, iritsi da garaia munduko estatuek behingoz klima aldaketari aurre egingo dion akordio zabal eta eraginkorra adosteko, erabateko klima-hondamendia saihestu ezingo dugun unea gertu dugu eta. Hala diote zientzialariek, eta ia mundu guztia bat dator ondorioei dagokienez. Baina gauza bat da diagnostikoa onartzea, eta beste bat, askoz zailagoa, zientzialariek gomendatzen dituzten neurriak politika errealetan txertatzea. Hori da klimaren gailurren historia laburrak orain arte eman digun irakaspenetako bat. COP21en gailurraren helburua Kyotoko Protokoloa ordezkatuko duen nazioarteko akordio globala hitzartzea da, hura 2012an agortu baitzen –2020ra arte luzatzea erabaki zen–, eta oraingoz ez baita lortu maila bereko itunik adostea. Kyotokoak ez bezala, Parisko hitzarmenak munduko herrialde guztiei eragingo die; hala, bilkura hasi orduko denek aurkeztu behar dituzte euren asmoak berotegi efektuko gasen (BEG) emisioak murrizteko. Ekarpen guztiak batuta, ondorioa izan behar da planetaren batez besteko tenperatura globalaren igoera ez dadila izan 2 ºC-tik gorakoa 2100. urterako, erreferentziatzat industrializazioaren aurreko garaia hartuta –orain 0,8 ºC-koa da igoera hori–. Hortik gora oso zaila izango da klima aldaketaren ondorioei egokitzea, IPCCk, 1998an sortutako nazioarteko adituen lantaldeak, honezkero argi utzi duenez. Izan ere, nahikoa lan izango da dagoeneko saihestu ezin izango dugunera egokitzea.   Beste gauza garrantzitsu pare bat ere esan zuen IPCCk iaz emandako txostenean –bosgarrena, erakundea sortu zenetik–: batetik, klima uste genuena baino azkarrago aldatzen ari dela, eta horren ondorioak aurreikusitakoak baino latzagoak direla; bestetik, zalantzarik gabe giza jardueraren ondoriozko gas isurketa dela egoera horren eragile nagusia. Mende amaierarako karbonorik gabeko ekonomiarantz jo beharko genuke, mehatxua saihesteko. Eta neurriak lehenbailehen hartzen hasi beharra dago. 2,7 gradutan gaude momentuz Iaz Liman egindako COP20 goi-bileran adostu zenez, munduko herrialde guztiek beren murrizketa asmoak –INDC ingelesezko siglekin ezagunak– aurkeztu behar zituzten aurtengo urriaren 1a baino lehen. Horren ostean, NBEk azaroaren 1era arteko epea izango du INDC guztien sintesia egiteko, eta sintesi hori da COP21ean negoziatuko den dokumentu garrantzitsuenetako bat. Lerro hauek idazteko unean, urriaren erdi-erdian, 70en bat herrialdek ez dituzte oraindik euren asmoak agertu, bai ordea gehien igortzen dutenek (ia emisioen erdia AEB, Txina eta Europar Batasunari zor zaie). Climate Action Tracker webgunean ageri denez, aurkeztutako helburuak aintzat hartuta aurreikus daiteke beroketa 2,7 ºC-koa izango dela; beste iturri batzuen arabera, hiru graduraino ere irits liteke. Balio beza erreferentziatzat Ibon Galarraga Basque Centre for Climate Change-ko (BC3) ikerlariak emandako datu honek: emisioen ikuspuntutik ezertxo ere egingo ez bagenu, 3,6 eta 4,2 ºC bitarteko beroketara joko genuke. Zientzialariei zaila suertatzen zaie horrek zer ondorio zehatz ekarriko lukeen aurreikustea, baina ohartarazi dute gaur ezagutzen dugun zibilizazioa bateraezina litzatekeela hain tenperatura igoera handiarekin. Kyotoren porrota... Galarraga ingurumen-ekonomialaria da, eta hurbiletik jarraitu ditu azken urteetako klimaren goi-bilerak. Aurrekariez mintzatu zaigu lehenik, hots, Kyotoko Protokolo honezkero agortuaz: "Balorazioak bi alde ditu. Alde instituzionalari begira akordioa interesgarria izan zen, ingurumen arloan inoiz lortu den handiena baita". Ez du funtzionatu, baina. Kyotoren helburua, askoren ustez xumeegia, 2012rako BEG emisioak 1990. urtekoak baino %5 txikiagoak izatea zen. Porrota begien bistakoa da: jaitsi beharrean, CO2 eta enparauen isurketak igo egin dira. 2013koak %61 handiagoak izan ziren 1990ekoak baino. Hainbat arrazoik azaltzen dute, Galarragaren esanetan, protokoloak huts egin izana. Batetik, BEG igorle historiko handiena, AEB, akordioa indarrean sartu aurretik irten zen bertatik. Bestetik, Kyotok 40 herrialde baino gutxiagori ezarri zien emisioak gutxitzeko –edo, zenbait kasutan, langa batetik gora ez igotzeko– beharra; 90eko hamarkadan industrializatuenak zirenei, hain zuzen. Hala, akordioak ez dakarkio inolako betebeharrik gaur egungo isurle handiena den Txinari, ez eta azken urteetan nabarmen hazi diren beste batzuei: India, Brasil... Gainera, 2012an hitzarmenetik irten ziren Kanada, Errusia eta Japonia, besteak beste. Gaur egun protokoloan geratzen diren herrialdeek munduko emisioen %15 baizik ez dute eragiten. ... eta Kopenhagerena Tresna herren horren ordezkoa 2009an Kopenhagen egindako goi-bileran adostu behar zen, baina gailur hura porrot handia izan zen; hala iritzi zioten parte hartu zuten gobernu askok eta talde ekologista guztiek. Aurreikusita zegoen hitzarmen loteslearen ordez, azken unean Txinak eta AEBek inposatutako akordio politiko bat onartu zen, borondatearen araberakoa. Besteak beste, beroketa globala bi gradutik gorakoa ez izateko helburua adostu zen Kopenhagen. "Kopenhage porrota izan zen, baina ez hainbestekoa", uste du Ibon Galarragak; "itxaropenak oso handiak ziren, bai, baina ez ziren errealistak, argi zegoen AEB eta Txina ez zeudela akordio loteslera iristeko prest". Bilera hartatik atera ziren gauza onen artean, Klimaren Funts Berdearen sorrera aipatu du BC3ko ikerlariak: klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko herrialde pobreenetarako diru-laguntza, herrialde garatuetako gobernuek eta sektore pribatuak elikatu beharrekoa. 2020tik aurrera urtero 100.000 milioi dolar jartzea da asmoa –oraingoz kopuru horren hamarrena bildu da–, baina sei urte igaro dira eta oraindik ez dago argi funtsak nola funtzionatuko duen, ekologistek kritikatu dutenez. Greenpeaceko Tatiana Nuñoren berbetan, egiteke dago oraindik horri buruzko bide-orri argi bat,  herrialde bakoitzak zenbat diru eta zer irizpideren arabera ipiniko duen, eta diru hori nork eta nola kudeatuko duen zehaztuko duena; momentuz, Munduko Bankua ari da administratzaile lanetan. Parisen ebatzi beharreko puntu garrantzitsuenetako bat izango da. Akordioa loteslea izango da? COP21en webguneak dio bileraren helburua dela klimari buruzko hitzarmen unibertsal eta loteslea lortzea, historian lehenbiziko aldiz. Zalantza gutxi dago gobernu guztiek –edo ia– sinatutako akordioren bat izango dela, gauden-gaudenean iritzi publikoak nekez onartuko lukeelako besterik, baina ikusteko dago loteslea izango den. Ibon Galarragak, esaterako, ez du hala uste: "Bakoitzaren zeregina jasoko duen dokumentu motaren bat adostuko da, eta hurrengo urteetan lan handia egin beharko da horren inguruan". Nolanahi, baikor azaldu da BC3koa, uste baitu Parisen aurrerapauso esanguratsuak emateko osagaiak egon badaudela, besteak beste AEB eta Txinaren jarrera inoizko zabalena izatea. Galarragak bezala, Parisen egosiko den hitzarmena loteslea izango ez dela pentsatzen du Txetx Etxeberri Bizi!-ko kideak, baina haren kasuan gailurrak eman dezakeenaz ezkor egoteko arrazoia da hori. "Kyoton ez bezala, orain estatu bakoitzak erabakiko du zein konpromiso hartu, eta gainera ez zaio zigorrik ezarriko betetzen ez duenari", adierazi zuen Etxeberrik irailean, Alternatiba Itzulia amaitzear zela Gara egunkariari emandako elkarrizketa batean. COP21 porrota izango dela iragartzeko beste arrazoi batzuk ere azaldu zituen Bizi!-ko kideak: "Eztabaidagai nagusietako batzuk alboan utziko dituzte, hala nola energia fosilen ustiaketari dagokiona". Etxeberrik bere egiten du klima hondamena saiheste aldera erregai erreserben bi heren –batzuek diote %80– lurpean uzteko aldarrikapena. Eskari horrekin bat dator, halaber, Ekologistak Martxaneko Javier Andaluz: "Klima aldaketaren erronkari behar bezala aurre egiteko, erregai fosilen kontsumoan oinarritutako eredua alboratu eta pertsonengan, hurbiltasunezko kontsumoan eta energia berriztagarrietan oinarritutako beste batera jo behar dugu". Bi graduko muga benetan da segurua? COP21 ez da parametro horietan jokatuko, bistan dena. Naomi Kleinek This changes everything (Honek dena aldatzen du) liburuan dio ez ditugula egin emisioak benetan murrizteko egin behar ziren gauzak, araurik gabeko kapitalismoarekin bateragarriak ez direlako. Bide batez, arrisku-mugatzat 2 ºC-ko beroketa aukeratu izana erabaki politikotzat jotzen du Quebeceko idazleak –eta ez da hala uste duen bakarra–, "ahalik eta pertsona gehien babestearekin baino, gaur egungo sisteman ahalik eta buruhauste ekonomiko gutxien sorraraztearekin du zerikusia". Ildo beretik doa talde ekologista gehienek munduko gobernuei egiten dieten eskaera: ahalegindu daitezela segurtasun langa 1,5 ºC-ra jaisten. "1,5 ºC? Dagoeneko ez dago hori lortzerik", esan digu Ibon Galarragak, "eta 2 ºC-ak ez gainditzea ere ez da erraza izango".      Kapitalismoa gainditzeko akuilu ezin hobea Naomi Kleinek ondo egina du bere liburuaren izenbururako hautua. Haren tesia da klima aldaketa ez dela krisi soila, sistema sakonki eraldatzera behartzen gaituen mehatxua baizik. Bestela esanda, kapitalismoa gainditzera. Hala, mehatxua aukera bihurtzen da: gas isurketak nahitaez murriztu beharra mundu justuagoa lortzeko aitzakia ezin hobea da, Kleinen ustez. Egoera larrian gaude klima aldaketaren aurkako borrokan alferrik galdu ditugulako bi hamarkada, dio Montrealeko idazleak, eta dagoeneko ez dago erdibiderik. Galdera da ea planeta hoztu ahal izango den merkatuen eta hazkunde ekonomikoaren logikaren barruan mantenduz. Batzuek baietz uste dute. "Orain arteko diseinuak huts egin du, baina merkatuak soluzioaren parte izan behar du merkatu ekonomia batean bizi garelako", Ibon Galarragaren hitzetan. Orain arte soluziotzat proposatu diren mekanismo guztiak egongo dira Parisko negoziazio mahaian. Soluzio faltsuak, sistema aldatu gura dutenen iritziz. Beste hamarkada baterako eskuak lotuta utziko gaituen akordio hutsal bat baino, batzuen ustez hobe litzateke COP21etik esku hutsik baina aukera guztiak zabalik ateratzea. Arazoa da ez dela egongo planak berregiteko beste hamarkadarik. Berandu gabiltza, eta hori IPCCk dio, ez ekologistek. Izan ere, Kyotokoa ordezkatuko duen akordioa indarrean jartzeko 2020ra itxarotea luzeegi itxarotea dela uste duenik ez da falta. Historiak epaituko gaitu.
news
argia-fe05c20c5e12
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/etxearen-alokairua-lan-sozialaren-ordainetan.html
Etxearen alokairua lan sozialaren ordainetan
Itsaso Zubiria Etxeberria
2015-10-25
Etxearen alokairua lan sozialaren ordainetan Bilbi plaza. Arratsaldeko lau eta erdiak. Bazkal osteko kafearen gonbitea onartu digu Davide Angelilli 24 urteko gazteak. San Frantziskoren bihotzean pasa zuen lehengo urtea gazte italiarrak. Masterra egitera etorri zen Erromatik Bilbora, eta etxebizitza solidarioaren programan sartu zen. Auzoko kultur eta kirol taldeen koordinazioan lagunduta etxebizitzaren hilabeteko alokairua 55 euro. Angelillik garbi du 55 euro horiek erakarri zutela programara hasiera batean, gero auzoak dirua baino zerbait gehiago eman bazion ere.  San Frantzisko auzoaren magalean dagoen plazako tabernan, katiluak eskuan, joan-etorrian ikusten dugu jendea; eta ez dago gehiago mugitu beharrik usaintzeko karrika horietako egunerokotasuna, etxe bakoitzeko jatorria, hizkuntza, kultura… eta estatusa. Tartean pare bat lagun taldek ere egin die diosala Angelilliri, eta "horiek futbol taldean aritzen dira" edo "horiek elkartean lan egiten dute" bezalako azalpenak ematen dizkigu. Garrantzitsua ikusten du auzotar horiekin lan egitea. Programak gazteei etxebizitza eskuragarri bat eskaintzeaz gain, Bilboko auzo honetako herritarrekin integrazio lanketa egitea du asmo. Ertzak asko dira, ordea, eremu hauetan. Angelilli, programari inportantziarik kendu gabe, kritiko ere agertu da zenbait momentutan. Ikasturte baterako diru-laguntza edo beka moduan ikusten du gehiago, eta ez du nabaritu egoerari benetako konponbidea bilatzeko intentziorik.  Lanaren truke etxea eskuratzearena ideia ona da, baldin eta aldaketak helburu orokorrak baditu; txikitik ekin baina handian eragiteko asmorik badago. Oraingoz Bilboko Deustuko eta Euskal Herriko Unibertsitateetako graduondoko berrogeita bost ikaslerentzako programa da, kurtso amaierako iraungitze-data duena. Eta lan sozialari dagokionez, karitate hitza darabil usu. Dio, karitatea baino zerbait gehiago behar dela benetako integrazioa lortu nahi bada; karitatea laguntzeko pauso bat dela, baina beti mantenduz gizarte mailaketa eta botere harremanak.  Hipster -ak auzoa girotzen Kafea ordainduta –horretarako txanpon batzuk izaten ditugu oraingoz prekariook ere– San Frantziskoko kaleetan gora abiatzearekin batera begiztatu ditugu lehen lokal hipster ak. Urte gutxian aldaketa handiak jasaten ari da auzoa. Betiko tabernak itxi eta kafetegi, pub chic -agoak ugaritzen ari dira. Modan dago. Eta jarrera argia da: auzo "konfliktiboa" modernizatu nahi dute. Eta modan dagoenak gehiago balio du. Ikasleak ere amu ederra dira horretarako. Geroz eta gehiago dira unibertsitateko ikasketak egiten ari direla San Frantzisko bizileku hautatzen dutenak. Auzoko alokairuak gora. Eta Angelilliri eta bioi ez zaigu kasualitatea iruditzen etxebizitza solidarioen programa ere bertan egitea. Ikasleak auzora gerturatuta beste maila bat hartzen dute kaleek.  Kalean daudenek, baina, beste leku baztertuago batera mugitzen hasi beharko dute.
news
argia-4acf8163fb08
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/bake-prozesua-bai-ote.html
Bake prozesua izateko, kultura politiko berria sustatu behar da
Mikel Asurmendi
2015-10-25
Bake prozesua izateko, kultura politiko berria sustatu behar da Euskal Herrian ez dago bake prozesurik", esan berri du Arnaldo Otegik. PPk aste berean, Askatasuna eta Bizikidetza lantaldea sortzeko mozioa aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean. Indarkeria "gaitzetsi" gabe, "arbuiatzea" aski zela adierazi zuen Arantza Quirogak. EH Bilduk "abiapuntu egokitzat" jo zuen proposamena. 24 ordu baino ez zuen iraun bake prozesua bideratzeko sendoa zirudien urratsak. Bake prozesua abiatzeko eta euskal gatazka konpontzeko bi mugarri izan ziren 2011ko urriaren 17an eta 20an. Aieteko Adierazpena eta ETAren behin betiko su-etena, hurrenez hurren. Lau urte iragan arren, bake prozesu sendo baterako zutabeak ez dira oraindik ezarri. Biktimen eta presoen gaiak ongi lantzea funtsezkoak dira elkarbizitza sustatzeko. Politikak, stricto sensu, zeregin horretan lagundu behar luke. Interes politikoek ordea –Espainiako Estatuaren interesak batez ere–, bake prozesua galarazten dute. Larrun hau balizko bake prozesuaren egoera ulertzeko egin dugu. Carlos Martin Beristain (Bilbo, 1959), Jon Mirena Landa (Portugalete, 1968) eta Mariano Ferrerek (Donostia, 1939) lagundu digute zeregin horretan. Hiru elkarrizketetan paratu ditugu euren iritziak. Lehenik baina, hiruekin izandako elkarrizketetatik ateratako aburu batzuk paratu ditugu sarrera gisara. Biktimei buruz: Martin beristain ETAren amaiera ez da arazoaren amaiera, eta bere amaiera, besterik gabe, ez da gizarte zauritua sendatzeko nahikoa. Baina, bistan da, biktimek bizi izan duten egoera ezagutaraztea, euren errekonozimendua barne, ez da etorriko denbora bere kasa joaten utziz. Aitzitik, biktimen ezagutzak zenbait baldintza sorrarazi behar ditu –sortzen ari dira– beharrezkoa den bake prozesua bideratzeko. Egoera hori ondu gabe zailagoa izango da aurreratzea. Hau da, gizarte giroa hobetzeko baldintzak bilatu behar dira. Gizarteak berezko energia sorrarazi behar du prozesua garatzeko, osterantzean, oraingo status quoa ez da aldatuko, ez irtenbiderik aurkituko. Politika eraikitzailea egin behar da, eta horretarako funtsezkoa da sufrimendua duintzea. Elkartasunezko guneak sortu behar dira dauden hesiak botatzeko, defentsazko memoriak apurtzen laguntzeko. Presoei buruz: Jon mirena landa ETAren indarkeria amaitu da, baina Espainiako Estatuak fenomenoa indarrean balego legez jarraitzen du politika egiten. Logikoena Estatuak hauxe esatea litzateke: "Fenomeno terrorista bukatu da eta haren aurkako legea ere bai". Alabaina, arrazoiak arrazoi –estatu arrazoiak–, ez du espetxe politika aldatu nahi, ezta, oro har, gatazkari begirako politika ere. Presoen gaia konplexua da. Euren arazoa ezin bada oraingo egoeran bideratu, beste bide batzuk urratu litezke. Estatuak egungo bide itxitik jarraitzen badu, ezker abertzaleak irtenbideak bilatzen lagundu beharko lieke presoei. Ez da erraza aurrera egitea, bistan da, baina presoen egoera hobetzeko jarduera politikoa argitu beharra dago. Euskal gizarteak lider politikoak behar ditu sektore politiko guztietan, nork bere esparru ideologikoa argitzen laguntzeko. Politika berriak ez luke presoa damutzera behartu behar, ezta bide hori hartzen ez duena zigor osoa betetzera behartu ere. Politikaz: Mariano Ferrer Mundua zeharo aldatu da azken 50 urteetan, baita ETAren sorrera eragin zuten zirkunstantzia historikoak ere. ETA moduko fenomeno bat sor daitekeela uste duena egungo errealitate politikotik at bizi da. Euskal nazionalismoak frankismoaren ondoren irabazi zuen "sinesgarritasuna" galdu du azken 30 urteetan. Espainiar nazionalismoak "fenomeno terrorista" erabiltzen du politika egiteko, gizartean oraindik ere "beldurra" sorrarazteko. Abertzaleek gizartearen errespetua irabazi behar dute. Arerioek ez diete hori dohainik emango. Abertzaleek Nafarroan dute desafio hori irabazteko aukera berria. Garaipen politikoak bilatu beharrean, gizartean dauden aurreiritziak desegiteko politika landu beharko luke abertzaletasunak. Oro har, politikariek hauteskundeen biharamunean agertu ohi duten "hemen nago ni" nagusi itxura baztertu behar dute. Kultura politiko berria sustatzeko pedagogia landu gabe, nekez sortuko dira bake prozesua finkatzeko jarduera berriak.
news
argia-c881eecfe3c9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/oilo-jendearen-gazta.html
Oilo jendearen gazta
Jakoba Errekondo
2015-10-25
Oilo jendearen gazta Galium aparine ziabelar latzaren lehengusina bat, ziabelar horia, Galium verum , esnearen gatzagi modura erabili izan omen da. Gazteleraz cuajaleche eta hierba cuajadera , katalanez quallalet , galegoz callaleite eta herba coalleira , frantsesez caille-lait ... Esnea gatzatu edo mamitzeko lanari lotutako landarea dela asmatzea ez da zaila. Itxuraz, haren loreak ibiltzen ziren horretarako.  Landare genero horren izenak ere nahikoa badio: galium . Grezierazko gala hitzak esnea adierazten du. Espeziearen izenak, verum , latinez "benetako" esan nahi du. Beraz, esnea gatzatzeko benetako belarra izango da.  Euskaraz "ziabelarra" deitzen diogu. Guk etxean ziyatu ahoskatzen dugun hitza ikasi genuen olioa hotzarekin loditu eta gogortu dela esateko; zihotu, alegia. Hortik ote datorkio ziabelar izena? Bai noski.  Koloreztatzaile ezaguna da: ilea larutzeko gaia izan da, han eta hemen. Ingalaterran, Galesko mugan dagoen Gloucestershiren egiten duten Double Gloucester gazta ezagunari bere kolore bereizgarria emateko erabiltzen da ziabelar horia.  Gaztagintzan lan horri lotuagoa egon daiteke, benetako zihotzeari edo gatzatzeari baino. Itxuraz, esnea gatzatzeko entzima edo osagairik ez du, mito soila omen da. Ziriari zotza sartzeko, zenbaitek dio ukuiluaren aldamenean belarra egote soila nahikoa dela esnea jetzi orduko gatzatzeko.  Kolore, usain eta dasta gustagarri goxoak eransten dizkiola, bai, jakina da. Horrexegatik erabiliko da gaztagintzan... Galium izenari beste jatorririk ematen dionik ere bada: gallus latinoa. Oilarra, alegia. Ziabelarraren hostoaren formak erraz dakar gogora oilo jendearen hanka. Itxuratik itxurara.
news
argia-d6bac27ce8f6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/jarrera-kritikoa.html
Jarrera kritikoa
Jesus Mari Gonzalez Martinez
2015-10-25
Jarrera kritikoa Teknologia berriek gure munduan arrakasta handia dute, baina kezka sortzen duena, batez ere, interneteko gehiegizko erabilera da haur eta gazteen artean, herri aurreratuenetan umeen %99k egunero darabil. Adituak ez dira ados jartzen ea erabilera mota horrek menpekotasuna sortzen duen; ikerketa serioak falta direla diote. Baina, nork egin behar du ikerketa? Sektoreko enpresek? Gobernuek? Nolanahi ere, erabileraren inguruko gogoeta bultzatu behar da, eta nerabeen jarrera kritiko eza konpontzeko "hezkuntza sistema behar dugu" esaten dute. Mirariak eskatu, negozioekin jarraitzeko. Gosetik, gudatik eta miseriatik ihes egin duten populazio mugimendu ikaragarriak ikusten ari gara azkenaldi honetan. Arazoa handitzen dela ikusita harrera-kuotez hitz egiten dute Europar Batasuneko  estatu kideek; baina inoiz ez dut entzun benetako kritikarik gertatzen diren migrazio horiei buruz, ezta arazoaren azterketa egin nahi dutenik ere, beharbada, gure mendebaldeko bizimodua zalantzan jarriko lukeelako. Greziako zorraren gestioak, berriz ere, erakusten du gure gizartean jarrera kritikoa falta dela. Errua greziarrena da, entzuten genuen, zergatik konpondu behar dugu denon artean haiek gaizki egindakoa? Hala ere, guztiok nozitzen ditugu energia fosilen gehiegizko erabilerak sortutako kutsadura eta klima aldaketa. Garapen bideko herriek ez dute parte hartu kontsumismo horretan, baina, guk bezainbeste pairatzen dituzte ondorioak. Halaber, petrolioa eta gure kapitalismoaren oinarrizko beste lehengaiak, munduko gatazka gehienen erdigunean daude. Gure baserrian ekoiztutako fruituez egindako mermeladak saltzen ari ginela, Alemaniako azoka ekologiko batean gure produktuak merkaturatzeko interesa zeukan banatzaile batek azaldu zigun haien lan egiteko modua: mugatutako zonalde batean hainbat publizitate egiten zuten "beharra" sortu arte. Orduan soilik jartzen zuten produktua salgai. Marketin izeneko teknika, gura eta premia nahasiz negozioa egiteko, eta balio du edozer saltzeko (janaria, ordenagailuak, smartphoneak, kultura, eta abar), baita helburu politikoak lortzeko ere. Gizarte osoak –ez bakarrik nerabeek– zentzu kritiko zorrotza sustatu beharko luke gure ekintzak aztertzeko, zer den beharra eta zer marketin ongi bereizteko. Haurrek eta gazteek balore horiek bereganatuko dituzte beren inguruan zentzu kritikoa lantzen dela ikusten badute, bestela alferrik. Itxurakeria gainditu behar dugu.
news
argia-815ca894b304
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/jon-mirena-landa-zigor-zuzenbideko-katedraduna.html
"Presoa kontrol ideologikotik askatu behar da"
Mikel Asurmendi
2015-10-25
"Presoa kontrol ideologikotik askatu behar da" Zigor zuzenbideko irakaslea da EHUn, Leioan. Giza eskubideen legeak ondo baino hobeto ezagutzen ditu. Hona bere berbetatik ateratako lagin bat: "Gatazka armatuaren ondorioz, biktimen aldeko lege-testuek diotena oker interpretatu da, horrek biktima batzuk bereziki babestea ekarri du, jurisprudentzia berezia sortu da. Modu administratiboan zein penalean, babestuak diren bakarrak terrorismoaren biktimak dira. Estatu terrorismoaren biktima batzuk kendu dituzte babes esparruetatik, nolabait". Zein ezaugarri azpimarratuko zenuke euskal gatazkan? Nik ezagutu ditudan gatazketan, gutxitan gertatu da biktima politikoen arazoari lehentasuna ematea gatazkaren konponbidea abian jarri aurretik. Normalki, giza eskubideen urraketak gelditzen doazenean hasten da aztertzen nola konpondu biktimen egoera. Hemen, ETAren biktimei dagokienez, biktimen politika oso sendoa jarri zen 2000. urtean. Biktimek beti merezi dute laguntza, noski, baina biktimen aldeko politikaren barnean kontra-terrorismoa delako politika sartu zen. Nolabait, biktimen aldeko politika batzuk erabili ziren "kontrainsurjentzia" egiteko, horrek diskurtso politikoa markatu du. Orain, biktimen memoriaren zereginean sartuta gaude, eta badirudi, gainerako guztiak gaindituta daudela. Ez dut esan nahi, sufrimendua pairatzen dutenen aldeko politikarik egin behar ez denik, baina behar baino lehenago sortu zen diskurtso batek zilegi ez den diskurtsoaren zati bat bere egin du. Biktima batzuk era batera tratatuak izan dira eta beste batzuk ez dira aintzat hartu. Batzuetan, memoriaren izenean, giza-eskubide batzuk ez dira ezagutzen, estalita geratzen dira. Memoria egin behar da, kontua da nola egin.   Hori da. Batzuek gai guztiak alor horretara mugatu nahi dituzte. Errelatoa egitean, oraindik ere gatazka bete-betean bagina bezala ari dira batzuk, sektore batzuek borroka politikoan jarraitzen dute. Giza eskubideen urraketen azterketak hotza izan behar du, baina azterketa politikoa ere egin behar da. Memoria lantzeko, gertatu den guztia ezagutu behar dugu, hau da, egia, eta egiaren gainean aritzeko giza eskubideen alorrean lan handia egin behar da. Hori ez da ongi egiten ari. Hori egin ondoren, familia politiko bakoitzak egiaren gainean egingo du bere errelato politikoa. ETAren biktimen kasuetan lan dezente egin da, poliziak, talde parapolizialak edo torturak eragindakoen kasuetan ez hainbeste. Torturaren lekukotasuna emateak torturatuen ideia politikoei arrazoia ematea dela dirudi. Bai. Eta oraindik ez da tortura izan dela aitortu, ez ahalbidetu ere. Barne Ministerioak politika bera jarraitzen du, frankismo garaikoa eta oraingoa antzekoak dira: "Tortura ez da inoiz egon". Kito. Adibidez, Espainian bide judiziala itxita zegoenez, peritajeen bitarteko saioak egin ziren tortura azalarazteko. 15 zigor inguru eman ziren, gutxi, eta gehienak indultatuak izan ziren. Gaia justizia administrazioan aztertu ez den errealitatea denez, egia azaltzeko mekanismoak eskuetan dituztenek ez dute borondaterik egia agertzeko. Ideala justizia administrazioaren bidean azterketak bideratzea litzateke, ez hainbeste epaiketak egiteko. Zertarako orduan? Estatuak tortura izan dela aitortzeko. Torturatuek erreparazio moduko bat eduki behar dute. Konpontzeko modu ezberdinak dira, ordea. Torturatuei dirua ematen badiezu "erreparazio" moduan, aurpegira botatzen dizute. Torturatu batzuek diotenez, eurek ez dute torturatzaileak ezagutzeko epaiketa izatea nahi, tortura modu sistematikoz erabili dela aitortzea baizik. Tortura ukatu da, areago, sarritan kereila kriminalak jarri zaizkie tortura salatu dutenei. Estatuak bere logika muturretaraino eraman du. Aitorpen sinbolikoa falta da. Irlandako Bloody Sunday delakoan bere inplikazioa geroago aitortu zuen Erresuma Batuak. Espainiako Estatuak ere horrela esan beharko luke: "Tortura zegoela ukatu genuen, baina gezurretan ari ginen. Barkamena eskatzen dugu, eta ez dela berriz gertatuko hitzematen". Estatuek ez dute erraz onartzen hori. Noski. Barne ministroak terrorismoaren aurkako borrokaren logikan segitzen du. Torturaren kasuan, are zailagoa da. Badirudi, horretan sartuz gero poliziaren lana gutxiesten duzula. Agintariek aditzera ematen digute poliziaren lan zaila ulertu behar dugula. Ordea, horren ondorioz, elkartasun faltsu bat sortu da, korporatiboa, eta zaila da horren kontra egitea. Milaka poliziaren burua bazara, horien konfiantza ez baduzu bereganatzen, indarra darabilte politikoki min egiteko. Politikariek malgutasunez jokatu beharko lukete egoera horri buelta emateko, zeren eta logika horren arabera, Estatuak ez baitu tortura egon dela aitortuko, ez diktaduran ez ondorenean ere. Jendeak badaki torturatu dela, eta politikariek herritarren sinesgarritasuna irabazi behar dute arazoa konpontzeko, baita herritarrak jabetzeko ere, herria bide onetik eramateko gauza direla. Agintariek demokrazia hobea nahi dutela esan bai, baina tortura ukatzen jarraitzen badute, gaizki: "Tortura testuinguru eta neurri horretan gertatu zen eta errealitate horri aurre egin behar diogu", esan behar dute politikari guztiek. Egia agertzean, zerbait galtzeko beldurra dago. Bai, terrorismoa eta kontra-terrorismo borroka egon da 50 urtez. Horien ondorioak hor daude. Tortura izan dela ukatzen dutenek, diktadura garaian izan zela onartzen dute, baina Trantsizioan fenomenoa kontrolatzen hasi zela, harik eta desagertu arte. Ezberdindu nahi dituzte diktadura eta demokrazia garaiak. Fenomeno polizial batzuen kasuan ere, "gehiegikeriak" izan zirela diote, baina hainbat jende bahitu edota hil izan zuten. Horiek guztiak 80ko hamarkadan izan ziren eta ikertu barik daude. Batzuek demokrazian izan dela aitortuz gero, errelatoa elikatu egiten dela uste dute. Baina horrek ez du deus justifikatzen, demokrazian tortura dela aitortzen bada ere, horrek ez du justifikatzen inork inor hil dezakeenik, ezta ETAk pertsonak hil izana ere. Presoak hizpide. Nola ikusten duzu euren egoera? Biktimen egoera hala nola presoen egoera, esparru politikoan borrokatu beharra dago. Presoaren dimentsio indibiduala landu behar da batetik,  identifikatu behar da egin zuena, baina ez zentzu kolektiboan. Errealitatearen nondik norakoak modu zientifikoan ezagutu behar dira batetik, eta borroka politikoari ekin behar zaio bestetik, presoak egin duen delituaren erantzukizuna ongi argitzeko, lehenik maila indibidualean eta gero maila politiko kolektiboan. Tamalez, dena zaku berean sartu da. Batek tortura aipatzen du eta arerioak kontakizun ideologikoa ikusten du. Tortura ukatzen dutenek ETAren gehiegikeriak eta haren ideologia lotzen dituzte. Horrekin apurtu behar da. Espainiako Gobernuak presoei harrera egitea debekatzen du. Zer iritzi duzu horretaz? 2000. urteko lege organikoaren bidez sartu zuten apologia delitua, legeak terrorismoaren delitu guztiak aldatu zituen. Apologia egitean ekintza edo pertsona justifikatu daitezke. Goratzen badugu ekintza jakin bat, apologia identifikagarria da nolabait, baina pertsona baten alde egitea apologia al da? Herritar batzuk Auzitegi Nazionalera eraman dituzte "presoen aldeko txalo zaparrada" jo izanaz akusatuta. Presoen alde egiteak ez du esan nahi presoek egindakoaren alde ari direla eta absolbitu dituzte. Baina, orain ez da soilik egitatearen apologia zigortzen, egilearen aldeko apologiaz gain, biktimak umiliatzeagatik zigortu daiteke. Justizia Madrilen zentralizatuta dagoenez, interpretazioak han egiten dira. Horretan jurisprudentzia ez da zuzen ari. Presoen egoerari irtenbiderik ikusten al diozu? Espetxe politika gero eta gehiago pozoitu da, salbuespenezko politika erabili delako. Terrorismo kasuetan ez da nahikoa indarkeria bertan behera uztearekin, bestelako betekizunak ere eskatzen zaizkie presoei, baita hirugarren gradua hartu ahal izateko ere, areago, damutzea eta autoritatearekin elkarlanean jardutea eskatu ere. Presoen egoera gizartean eztabaidatu beharko genuke, espetxe politikan zer den ondo eta zer ez zehazteko. Eztabaida hori ezin da modu hertsagarrian egin, hirugarren graduan dagoen preso bat bakarrik utziz. Hasteko, autokritika egitea ongi litzateke. Nork egin beharko luke? Ezker abertzaleak, hasteko. Autokritika ez dugu preso bakoitzaren kasuarekin lotu behar. Estatuak dena poltsa berean sartzen du, preso bakoitzari eskatzen dio, ETAri edo ezker abertzaleari eskatu behar zaion guztia. Ezker abertzaleak presoak kolektibo baten barruan hartzen ditu, eta nire ustez, preso bakoitzari askatasuna eman beharko litzaioke bere ibilbidea askatasunez egiteko. Noski, ez da erraza kolektibo moduan hamarkadetan funtzionatu ostean, orain espetxe politika asumitu behar izatea. Estatuaren umilazio tresnek eguneroko kartzela bizitza zailtzen dute. Trenen talka egon daiteke: Estatuaren kontrola eta ETAren atzean egon daitekeen kolektiboaren kontrola. Talka hori saihestu behar da. Hori ere ez da erraza izango. Ez. Preso mota asko dago. Dena den, pentsa dezagun delitu larriak egin dituztenengan. Horiek urte kopuru handia egin dute barruan. Prest baldin badaude etorkizunean indarkeriarik ez dutela erabiliko aitortzeko, hirugarren gradua ahalbidetu litzaieke. Estatuaren eta ezker abertzalearen jarrerak funtsezkoak dira horretan. Sinesgarritasuna irabazteko, presoa kontrol ideologikotik askatu behar da. Presoek ez dituzte pairatu behar politikarien eztabaidak. Eztabaida horiek harrapatuta daude. Gogora dezagun Sortuk legeztatzeko egin zuen bidearekin, presoen kasuarekin asimetria dago. Presoen gaia espetxe esparrutik atera behar da, presoen eredu estandarra eskatu, ez da salbuespenezko eredu estandarra eskatu behar kartzelatik ateratzeko. Presoak modu kolektiboan ari dira borrokatzen, baina, hara, bakoitzak bere iritzia eman dezala erru banaketari buruz. Autokritika egin behar da kolektibo politiko osoaren baitan, eta ez kartzelan soilik. Izaera kolektiboa aireratzen hasi behar da kaletitik. Amnistia izan behar dela diote sektore batzuek. Amnistia egindako delitua ahaztea bada, gertatu dena ezabatzea nahi badugu, bada, ezin da, ez dut uste komeni denik ere. Agian, justizia dosi egokiak bilatzea da komenigarriena. Delitu larrien kasuan ere, 15 urte inguru bete ondoren, bideak ireki daitezke eta kanpoan bete. Ez da zigorra desagertzen, baina presoak hirugarren gradua hartu eta baldintzapeko askatasunean atera daitezke. Hainbat alor blokeatuta daude. Hasteko, sakabanaketak amaitu beharko luke. Estatuak "ez zaituztegu kartzelatik mugituko, ezta dituzuen betekizun guztiak aldatuko" dio, baina hori guztia erabat desproportzionatua da. Proportzioak bilatu behar dira, baina nola? 450 preso inguru daude uneon, eta aipatu bideak erabiliz gero –zigorrak etxetik hurbilen betetzen eta aipatu lege neurriak aplikatzen–, 100 preso inguru geratu litezke. Egoera ankertu beharrean, zein bide egin daitekeen bilatu beharra daukagu. Estatuak dena terrorismoren poltsan sartzen du eta ezker abertzaleak onartu behar luke bide ezberdinak landu daitezkeela. Horrek ez duela traizioa sustatzen, alegia, "zu ez zara gure taldekoa, uko egin diozulako gure bideari". Historia oso dramatikoak daude, horrela preso batek bidea bakarka egitea oso zail dauka. Malgutasuna behar da, ez da presoaren mundua politizatu behar, haiek itotzen baitira. Baina, borroka kolektiboa kartzeletatik kalera ateratzea lortuko balitz, baita izaera indibiduala eredu estandar arruntetatik bideratuko balitz, mesede handia egingo litzaieke presoei. Urratsak ematen utzi behar zaie presoei. Baina errealista naiz, oso zaila da Estatuak espetxe politika guztiz desegokia ezarri duelako. Urratsak ari dira ematen, antza denez. Presoek kolektiboaren [EPPKren] izenean hitz egin dute, dirudienez, baina gero, errealitatean, urrats horiek nola gauzatzen diren... Guk ez dakigu ezer kartzelako bizimoduaz, erabat itxita daude, oso politika gogorren pean, eta horrek ez die mesederik egiten. Preso gogorrenek ez lukete horrenbeste pisu eduki beharko. Presoen gaia askatzeko, daramaten borroka hori laguntzeko. terrorismoari uko egin ondoren, biktimen politika sustatuz batera, ezker abertzaleak ikuspuntu politikoak presoekin partekatu beharko lituzke. Bestalde, Estatuak 15 urte preso daraman pertsona bati ezin dio belaunika dadin eskatu, hori eredu estandar guztien gainetik pasatzen delako. Presoen bidea erraztu ondoren gertatu denaz eztabaidatu behar da, Estatuak eta ezker abertzaleak gaizki egin dutena aztertu. Nik justizia borroka politiko horretan sartzen dut. Politikan denok irabazten dugu, bake eta justizia prozesua garatzen dugun neurrian.
news
argia-48a9b7a8751d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/colau-berriz-ezustekoa.html
Colau, berriz ezustekoa
Xabier Letona
2015-10-25
Colau, berriz ezustekoa ARTUR MASEK ondo menperatzen du tempus politikoa eta batez ere hauen taularatzea, Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenean deklaratu beharrak erakutsi duen eran. Jauregirako hurbilketa ikusgarria izan zen, Kataluniako gehiengo soberanista Espainiako Justiziaren aurrean deklaratzera; baina irudia gogoangarria izango da, hark batez ere Kataluniako "orden mundua" ordezkatzen duelako eta hango prozesua zein urruti iritsi den islatzen duelako. Deklaratu ondoren zera galdetu zioten Masi: "Inhabilitatuz gero onartuko duzu epaia?". Erantzuna: "Herrialdeak une horretan bizi duen unearen araberakoa izango da hori". Orain arte, Estatuan autonomia bateko lehendakari batek inoiz ez du zalantzan jarri izan Espainiako legea beteko zuenik.  Egia esan, marra gorria 2014ko azaroaren 9an zeharkatu zen, baina urriaren 15ekoa lurrikara haren erreplika indartsuena izan da, besteak beste, Mas apurketa demokratikoaren sinbolo bihurtu zelako. Ez gehiago ez gutxiago, baina oraingoz hori bai. Kataluniako nazioa eta Espainia aurrez aurre. Marra gorria iragan dela irudikatu zen berriz argazki haiekin, eta oraingoz alde biak atera dira indartuta, baina independentismoa etxean eta Espainiako Justizia Espainian. Katalunian, beraz, Espainiak galtzen jarraitzen du.  Apurketa demokratikoa, bai, hori da doinu nagusia Katalunian, independentzia prozesua gidatu behar duen gobernu eraketaren bezperan. Inork gutxik jartzen baitu zalantzan JxSí eta CUP adostasunera iritsiko direla prozesuaren bide orrian. Ekainean Nafarroan sentitzen zen gisara, bestela herritarrek itsasora botako dituztelako. Akordioa nola, ostera? Dena dago airean, baina oraingoz pertsonak –Mas– negoziaketaren amaierarako geratu dira. Aurretik hiru esparru garrantzitsuren oinarriak finkatuko dira CUPek hala behartuta: Espainiarekiko desobedientzia; pobrezia eta desberdintasunen aurkako talka plana; eta prozesu konstituziogilea. Bitartean, presioak latzak dira eta norabide askotarikoak. Hor ere kokatu behar da Masen azken taularatzea. ESPAINIAKO HAUTESKUNDE   orokorrak gehitu behar zaizkio  Kataluniako barne egoerari. JxSí Espainiako orokorretara eramateko tematua dago CDC eta ERC bere nortasuna azpimarratzeko premia bizian. CUPek paso egingo du hauteskunde orokorrez. Berrikuntza hirugarren esparrutik dator, soberanismo ezkertiar ez independentistatik. Bere jokaldia borobildu nahian Ada Colauk Barcelona En Comú eredua Espainiako hauteskundeetara aurkeztuko dela iragarri du. ICV, Podem eta Procés Constituent zutoinen gainean eraiki zen Colauren arrakasta udal hauteskundeetan eta orain ere emaitza oparoak izan ditzake, areago CUP lehiakide ez badu, eta batez ere Espainian Podemos eta IUk lortu ez duten herri batasuna saltzen duelako. Oraindik dena airean da, baina gaitza da Colauren esperimentua Kataluniatik harago hedatzea, ez bada Galizian edo Valentzian.   Hego Euskal Herrian bederen, tren hori hartara inor igo gabe pasatu da. Harrigarrienetakoa zera izan da: hautagaitza bateratua sortzeko prestuen EH Bildu bera zela. Ezkerreko sektore abertzale eta ez abertzaleak batzeko bi saio xume jorratu dira, EAEn uda aurretik eta uda ondoren Nafarroan, eta biek egin dute porrot, baina seguruenik ez dira alferrikakoak izan, etorkizunean ezkerreko hautagaitza zabalak eratzeko hausnarketaren hazia erein dutelako hainbat sektoretan. Euskal lurretan, alabaina, halako edozein aliantza eraginkorrek EH Bildu ere kontuan hartu behar du, eta gaur gaurkoz gatazkaren eragina oraindik hurbilegi dagoela dirudi, batez ere EAEn. Aurkari komunaren aurkako borrokak bestelakoa lortu du Nafarroan eta EH Bildu, Ahal Dugu eta NEB elkarrekin ari dira foru gobernuan. EZTABAIDA , alabaina, siglak batu eta herri batasunetik haragokoa da ezkerraren munduan eta Podemosek Espainian arrakasta izan ala ez, saihestezina; euskal ezkerrean behintzat gero eta indar handiagoz dator. Zera da muina: eraginkorra ote da hegemonia instituzionala eskuratzea, aldez aurretik gizarte sektore zabalak aldaketa sozialaren ideia eta praxietan trebatu barik? Klasiko bat da ezkerrean, baina datozen hilabeteetan ikusiko den moduan, hausnarketa gero eta indar handiagoz ari da plazaratzen eztabaida politikora.
news
argia-7c524caf0c38
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/rock-instrumentalaren-hizkuntza-entzule-eta-mugak-gainditzeko-gaitasuna.html
Rock instrumentalaren hizkuntza, entzule eta mugak gainditzeko gaitasuna
Iker Barandiaran
2015-10-25
Rock instrumentalaren hizkuntza, entzule eta mugak gainditzeko gaitasuna EGILEA :: Los Galerna vs. Cavernarios IZENBURUA :: Sangre en el Atlantico Gaztelupeko Hotsak, 2015 2008an Arrasateko The 5 Twisters, Foxy Boxxi, Lost Souls eta herri horretako beste musika talde batzuetan ibilitako zenbait musikarik Los Galerna sortu zuten. Hasieran The Ventures, The Shadows eta antzeko klasikoen tamainako surf­rocka egiten zuten; eta kantu propioekin taldearen izen bereko disko txukuna kaleratu zuten. Baina Los Galernaren helburua harago zihoan; erakutsi nahi zuten musika instrumentala egin arren, ahots gabe asko espresatu daitekeela eta, bide batez, surfaren alderdi apurtzaileena erakutsi. Surfusion bigarren lanean, pauso askoz ausartagoa eman zuten eta taldekide bakoitzaren musika-bizipenetatik abiatuta, gai izan ziren surfari ukitu ganberroagoa emateko, estiloa birtuosismotik parametro rockeroagoetara eramateko eta surfaren mantupean beste hainbat estilori lekua egiteko. Progresio eta aldaketa handiko kantuak idatzi zituzten, garagetik ( Dale fuzz! ), latino eta funkyaren groovetik ( Surfusion) , espioi soinu­bandak konposatzera (Dr. Bocanegra ), westernetara ( Quetzalcoall ), edo psikodeliara zein erritmo afrikarretara salto egiteko. Ordurako soberan egiaztatua zuten taldeak ez duela hurbilean lehiakiderik, eta edozein agertokitan direla ere, maila oso goian uzten dutela –Mexikoko ikusle jantziek ere egiaztatu ahal izan duten bezala–. Hain zuzen ere, taldeak, ikuskizuna ematearekin batera, punk eta rock­and­roll bizienaren astindua ematen die ahotsik gabeko kantu irekienei. Eta saxoa taldean erabat barneratuta, Akelarre diskoan, mozorrotutako erritual arriskutsuan, birtuosismoa, ukitu vintagea, orkestren dotorezia, westerna, swinga, 70eko hard­rocka, garagea, countrya, hillbillya zein Vampisouleko talde beroenen marka azaleratu zituzten. Izan ere, Mexikokoa da munduan surf eta rock instrumentalean garatuen dagoen eszena; eta hortaz, ez da kasualitatea urtero arrasatearrak itsasoaren bestaldean birak egiteko eskaintzak jaso eta, jakina, gauzatzea. Lerro hauek irakurtzeko orduan ere han izango da taldea berriro; eta joan aurretik The Cavernarios taldearekin batera honako lana kaleratu dute. The Cavernarios Cuatitlán Izcalli hiriko (Mexiko) taldea da, 2001etik surf, garage eta rockabilly estiloak landuz disko ugari kaleratu dituena. Aspaldian, gainera, rock instrumentalera erabat lerratu da. Mexikarrek ireki dute erdibanako diskoa neurtutako rock-and-roll instrumental beroa den Twist del elefante piezarekin. Jarraian dator El gran sur misteriotsu eta aldi berean birtuosoa, muturreko sonoritatea eta ia kiribilean bukatzen den garapena duena. Eta postre gisa Los Galerna taldearen Como pica esta arena kantuarekin ausartu dira, rock-and-roll erritmoarekin, distortsioarekin eta afinazio desberdinarekin. Los Galerna diskoaren bigarren aldeko jaun eta jabe dira: Jaguar stompek eztanda egin eta deabruak gidatutako saxoarekin surf jantzia duen punk-rocka eta ukitu latinoa ezkontzeko ausardia dute. Toneladas de reverb , berriz, modu pausatu eta mugaldekoarekin hasten bada ere, gerora distortsionatu eta zaldi trosta eroari ekiten dio. Bukatzeko, The Cavernarios omentzen dute Soy de la costari , jai ukitua kendu gabe, erritmoa eta reverb­a biderkatuz.
news
argia-6642edbdde45
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/badugu-alternatiba.html
Badugu alternatiba
Oihana Etxebarrieta
2015-10-25
Badugu alternatiba Berri Txarrak taldeak Iraultza txikien asanblada abestian "Noren kontra zauden baino gehiago, zer egiteko prest" zauden galdegiten digu. Bide horretan hainbat urrats sumatu ditut azken denbora honetan. Adibidez, Argia Egunean Txikitik eragiten ari garenon harrotasuna eta elkartasuna ospatu genuen, Alternatiben herrian, berriz, "Bizitza duinak eta anitzak" aldarrikapenen erdigunean kokatu dira. Mugimendu, elkarte, egun guztietan eraikitzeko, sistemari hortzak erakutsi eta gure eredu propio eta jasangarria sortzeko grina ikusi dut, baita egikaritzen ari diren proiektuen saretzeak, jakintza elkartrukeak... Eta txikitasunaren elkartruke horretan, gauza handiak aurkitu ditut. Ikusi ditut urte guztian zehar elikagai ekologiko eta bertakoak jaten dituzten pertsonak, harreman heterosexistetatik at bizi direnak, zaintza kolektibizatu eta duintzen dutenak, elkarlanean aritzen diren kooperatibak, baita telefono eta elektrizitatea merkatu etikoan kontsumitzen dituzten pertsonak ere. Azken finean, gizartea eraldatzen ari diren pertsonak eta proiektuak ikusi ditut, eta horrek ez du atzera bueltarik.
news
argia-f8d8ffeb7ed4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/euskara-ikasleak-online.html
Orotariko euskaldunak lotu ditu sareko mintzapraktikak
Iure Eizagirre
2015-10-25
Orotariko euskaldunak lotu ditu sareko mintzapraktikak Bi pertsona, bakoitza bere ordenagailuaren aurrean, ez dute elkar ezagutzen eta kosta egiten zaie elkarrizketa luze bat mantentzea. Euskara dute lotura, batek praktikatzea eta besteak ikasten ari denari laguntzea. Munduaren alde banatan daude baina Mintzanet proiektuak ezagutarazi eta batu ditu. Hurrengo astean berriro "elkartuko" dira, konfiantza gehiagorekin hartaz eta honetaz mintzapraktika egiteko. Duela hainbat urte martxan jarri eta hain arrakastatsua izan den Mintzalagun proiektua (lekuaren arabera Berbalaguna, Berbalapiko, Mintzakide… deitua) abiapuntutzat hartuta sortu zen Mintzanet 2012. urtean. Zein berritasun ekarri zuen? Bada, mintzapraktika saioak internetez egitea, hau da, espazio fisiko berean egon beharrik gabe eta taldean batu beharrean –Mintzalagunan egin ohi den moduan– elkarrizketak bakarkakoak izatea. Horri esker, Argentinan dagoen euskaldunak Portugaleten dagoenarekin hitz egin dezake eta Adunan dagoenak Uztaritzen dagoenarekin. Webcama eta ordenagailua edo mugikorra, eta "bidelagun" eta "bidelari" izateko gogoa besterik ez dute behar. Horrela bereizten dira Mintzaneteko erabiltzaileak: bidelariak euskara praktikatu nahi dutenak dira eta bidelagunak hauei laguntzen dietenak. Lehenengoei A2 edo B1 maila eskatzen zaie euskaraz elkarrizketa bermatu ahal izateko; bidelagunei dagokienez, "ez da gramatikarik edo hitzak nola idazten diren jakin behar", dio Ainara Loiarte programako koordinatzaileak.  Erabiltzaileek emandako datuen bidez egiten dituzte bidelagun eta bidelari bikoteak: "Normalean bakoitzak aukeratutako ordua eta eguna hartzen dira kontuan, baita adina ere kasu gehienetan".  Erabiltzaile ugari Esan bezala, duela hiru urte sortu zen proiektua, Donostiako Udalak Maramara taldeari Mintzalagunen sareko bertsioa egiteko eskatu zionean. Ordutik 800 pertsona inguruk eman dute izena eta gaur egun 300 erabiltzaile inguru dira. "Iaz, esaterako 2.500 saio egin ziren Mintzaneten bidez eta zenbakiak hazten ari dira", zehaztu du Loiartek.  Hauek dira gaur egun dituzten datuak: erabiltzaileen %65,26 dira EAEkoak (%37,01 Bizkaikoak, %6,49 Arabakoak eta %56,49 Gipuzkoakoak); %4,24 Nafarroakoak; %5,08 Ipar Euskal Herrikoak; %5,51 Espainiakoak eta %19,91 beste atzerrietakoak. Emakumeak gehiago dira gizonezkoak baino, %59,32 lehenengoak eta %40,67 bigarrengoak. Proiektuarekin bat egiteko arrazoiak hainbat izan daitezke baina astean behin gelditzeko astirik eza, ordutegi arraroa izatea, atzerrian edo inguru ez euskaldunean bizitzea edo etxetik aritzea erosoagoa iruditzea aipatu ditu Loiartek.  Adina ere ez da muga Arduradunek diotenez, "adinak ez du mugarik" eta Mintzaneten 17 eta 89 urte bitarteko pertsonek hartzen dute parte. Azken hilabeteetan adinekoen egoitzatan aurkitu dituzte bidelagunak: "Azpeitian proiektua aurkeztu genuenean bertako egoitzakoek esan ziguten ea zer irudituko litzaigukeen bi egoiliar parte hartzen hastea. Ideia ona iruditu zitzaigun eta aurrera jarraitu genuen". Ordutik beste hainbat lekutan jarri dute martxan egitasmoa: Donostiako Zorroaga, Berra eta Villa Sacramenton; Hernaniko Santa Maria Magdalenan, Errenteriako Jesusen Bihotzan eta Bergarako Mizpirualden. "Gure adinekoek euren denbora eskaini dezakete besteei euskara praktikatzen laguntzeko eta bide batez, eurentzat ere parte hartzea baikorra dela iruditzen zaigu, leiho zabal bat irekitzen baitzaie eta dauden lekutik mugitzeko beharrik gabe gainera", azaldu du Loiartek.  Beste erakunde batzuekin ere baditu hitzarmenak Mintzanetek, hala nola, Euskal Herriko Unibertsitatea, Etxepare Institutua, Topagunea, AEK eta abarrekin. Hortik ere lortzen dituzte erabiltzaileak eta aurrerantzean bidelariak eta batik bat bidelagunak lortzea izango da haien helburua, jendea itxaron zerrendan baitago bidelagunen bat aurkitu zain. Maddalen Antuñano, bidelaguna: "Bidelariek duten motibazioa da egitasmo hau aurrera daramana" Lantzen ari zen proiektu pedagogiko bati esker ezagutu zuen Mintzanet Maddalen Antuñano portugaletetarrak. "Proiektua euskararen irakaskuntzara bideratua zegoen eta ahozkotasunari garrantzia eman nahi nion", dio. Egitasmoa ezagutzen joan ahala "oso interesgarria eta beharrezkoa" iruditu zitzaion euskara teknikari lanetan hasi berri den 23 urteko gazteari.  "Euskara praktikatu eta hobetu nahi duten pertsonei laguntzeko aukera paregabea iruditu zitzaidan. Bidelariek duten motibazioa da egitasmo hau aurrera daramana eta Mintzaneten parte txiki bat izatea nahikoa da motibazio hori elikatzeko eta euskarari pixkanaka-pixkanaka indarra emateko", dio. 2015eko martxoan hasi zenetik bidelari berarekin aritu da: "Hilean birritan konektatzen gara ordubeteko elkarrizketa izateko".  Euskara praktikatzeko erraztasun asko ematen dituela iritzi eta aurrerapen handitzat du Mintzanet. "Hezkuntza formaletik at, hainbat gai jorratzeko aukera ematen du, ahozkotasuna bereziki landuz", gaineratu du. Baina ez hori bakarrik, "euskara aitzakia izanik, harreman berriak sortzeko aukera ere ematen du". Maria Cecilia Cenoz, bidelagun eta bidelaria: "Nire asmoa bidelari izatea zen baina momentu hartan ez zegoen nire ordutegian bidelagunik" Argentinan, Buenos Aires probintziako Tandil herrian jaioa da Maria Cecilia Cenoz informatikaria. Aitona zuen euskalduna, Nafarroako Muskitz herrikoa, eta haren hizkuntza zelako hasi zen euskara ikasten Tandilgo euskal etxean. "Gero online kurtso batean jarraitu nuen eta azkenean Maizpide euskaltegian sei hilabete pasa ondoren 2. mailako azterketa gainditu nuen". Bere ikaskideekin egiten zuen euskaraz, baita euskal etxean ematen zituen klaseetan ere. Gaur egun Euskara munduan programako tutore da eta horrek eman dio euskaraz aritzeko aukera, "baina Mintzaneten parte hartzea desberdina da, webgune honetan nire euskara hobetzen dut bidelari eta bidelagunekin".  2013an hartu zuen parte lehen aldiz proiektuan: "Nire asmoa bidelari izatea zen baina momentu hartan ez zegoen nire ordutegian bidelagunik, beraz, bidelagun izaten hasi nintzen. Lehenengo mintzakidea Lourdes Erquicia izan zen eta oraindik jarraitzen dugu saioak egiten". Hiru bidelarirekin aritzen da, batekin astean bitan eta beste biekin astean behin. Eta hasieran ezin izan zuena lortu berri du: hilean behin bera izango da bidelari.  Eguneroko gaiez aparte, euskarari buruz hitz egiten dute. "Normalean Euskal Herriko jendeari arraroa iruditzen zaio nire eta diasporaren kasua", dio. Eta aldi berean, hemengoarekiko jakin-mina asetzen du: "Horko jendearekin harremanetan jartzea oso interesgarria da guretzat Euskal Herriko berriak jasotzeko, eta gure arbasoen idiosinkrasia ezagutu eta nor garen jakiteko". Bertakotu egiten ditu Mintzanetek: "Hor egotearen sentsazioa ematen dit. Ez dakit nola esan baina bi herriren artean bizi naiz. Txikitatik beti esaten dut euskalduna naizela eta orain gero eta gehiago, euskara hitz egiteagatik ez dago zalantzarik euskalduna sentitzen naizela". Raul Alfaro, bidelaria: "Euskaraz mintzatzeko oso aukera gutxi nuen herrian, horregatik animatu nintzen" Nafarroako Zarrakaztelu herrikoa da Raul Alfaro eta herriko kooperatiban egiten du lan. Ez du zehaztasunez gogoratzen noiz hasi zen Mintzanet proiektuan baina ia hasiera izango zela dio, "orain dela bi urte eta erdi edo".  "Irakasle bati esker ezagutu nuen proiektua. Nire herrian euskaltegirik ez dagoenez, Tafallan (etxetik ordu erdira autoz) hasi nintzen ikasten. Taldea desagertu zenez, Orbaibarren –urrunago– hasi nintzen eta hau ere desagertu zenez, autoikaskuntzarekin hasi nintzen", azaldu du. Orbaibarren eta autoikaskuntzan irakasle bera izan zuen eta hark gomendatu zion Mintzaneten parte hartzea. "Euskaraz mintzatzeko oso aukera gutxi nuen herrian, horregatik animatu nintzen. Webcam-a espresuki erosi nuen", dio.  Mintzanet interneten euskaraz aritzeko falta zen proiektua da berarentzat. "Euskara ikasteko kilometro asko egin ditut dirutza ordainduz. Orain, Mintzaneti esker, etxetik eta dohainik egin ahal dut".  Hasieran astean bitan hitz egiten zuen bere bidelagunarekin eta gaur egun astean behin. Harekin duen harremana goraipatu du Alfarok: "Oso polita eta berezia da. Aurrez aurre ezagutzen dugu elkar eta oso hunkigarriak izan dira gure topaketak. Bi topaketa egin ditugu eta biak ederrak. Zaila da azaltzea zer sentitzen den, bizi behar da".  Alexander Ezeiza, bidelaguna: "Jendeari hitz egiten laguntzeko hasi nintzen, euskaraz egiteko aukera izan dezaten" Beste bide batzuetatik baina Alexander Ezeiza berak ere euskara ikasi behar izan du. Ikasi baino, berrikasi. 86 urte ditu eta hauetako ia 60 Amerikako Estatu Batuetan pasa ditu: "Joan nintzen 1945ean eta etorri nintzen 2004an, ia 2005ean". Han euskaldunak baziren garai hartan, "ezagutu nuen Lapurdiko bat, Nevadan artzaina izana. Gure euskarak berdintsuak dira baina ez ginen oso ondo ulertzen. Eta nik batere irakurri gabe, ez aldizkaririk ez libururik, dena ahaztu nuen", azaldu du.  Beizamakoa da jaiotzez baina egun Donostiako Zorroaga zentroan bizi da. Kaputxinoa zela lagun errenteriar bat egin zuen –Xalbador Zapirain– eta Ameriketatik itzultzean hartaz galdetu zuen. Hila zela esan zioten ordea. "Liburu asko idatzi zituela esan zidaten, liburutegian bilatu nituen eta denak irakurri euskara ikasteko".  Gaur egun bera da ordenagailuaren aurrean jarri eta besteei laguntzen diena: "Hasi nintzen jendeari laguntzeko hitz egiten, aukera izateko euskaraz hitz egiteko. Eta nik ere bai". Murgiakoa du bidelaria eta astean behin hitz egiten dute. "Hark euskaraz ederki egiten du, ze orain euskara ikasten dute eskoletan baina ez dute hitz egiten kalean eta etxean. Gure denboran dena euskaraz egiten genuen".
news
argia-4541839158b1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/ura-ixuririk-eresia.html
Gizonezkoek taldean obratuko dute andere oreinaren ehiza
Itxaro Borda
2015-10-25
Gizonezkoek taldean obratuko dute andere oreinaren ehiza Sortaldeko Europa osoan aurkitzen dira eresiaren bertsio ezberdinak. Horrek frogatzen ote du sinboloak eta genero bortxakeriak inkontzienteetan sustraituak direla, hizkuntz aniztasunaren gain-gainetik? Honek egiten du abesti hau hain uhergarria. Haizea taldeak 1978an plazaratu album oroigarri hartako kanten artean Ura ixuririk izenekoa buklean entzuten genuen, orduko K7 heroikoen zintak higatzeraino. Amaia Zubiriaren ahotsak zoratzen gintuen eta abestiaren hitzek zinez harritzen: gauez neska zena, egunaz oreina bilakatzen zen... Transformista jaidurarekiko kide guztien antzera, Maddiren destinoa hondarrean tragikoa zen. Kantaren hitzak Piarres Lafittek bildu zituen emazte informatzaile batengandik. Ez zigun haren izenik eman. Are gutxiago, mende erdiaz iparraldeko kultura alorraren giderrak fermuki atxiki zituenak ez zuen nehon kontatu eresia handios hau nola aurkitu zuen. 1965eko Gure Herria hilabetekariaren 37. zenbakiaren 116-117 orrialdeetan agertu arazi Atlantika-Pirene-etako sinheste zaharrak deituriko bere artikuluan aipatu zuen Uztaritzeko erudituak. Txomin Artolaren musika-kideek melodia berri batez apaindu zuten, urte bat aurrerago Frantziako Malicorne ospetsuak jada ezagutu arazi zuen zatiari biziki hurbil. Antzekotasuna ukigarria suertatzen da, kasik lau hamarkada geroago, Amaia Zubiriaren eta Marie Yacouben bozen artekoa barne. Ez dut ahanztekoa alabaina, 1989an, Benito Lertxundik Pazko Gauerdi Ondua diskoan eskaini zion interpretazio tirana, soinuaz kontakizunaren tentsioa eta misterioak azpimarratuz. Besteak beste, Txomin Peillen, Jon Juaristi, Koldo Biguri, Luis Mari Mujika ala Patri Urkizu altxor horren muina ikertzeari uztartu zitzaizkion, bakoitzak berea ekarriz, kantaren nondik norakoak argitzen zizkigutela. Agerpenak oro interesgarriak dira eta denak bat datoz errateko abestia ez dela baitezpada euskal jatorrikoa, frantsesez, galegoz, hungariarrez edo gazteleraz ere aurkitzen dela, abantzu hitzez hitz, protagonisten izenak aldaturik, andere-oreinak beti gaizki bukatzen duela: Bretainia eta Normandia eskualdeetan famatu La Blanche Biche erromantzean halaber tupinan burbuilaz dago Margueriten bihotza... Bitxia da hala ere, hemeretzigarren mendean, Sallaberri, Azkue edo beste biltzaile amorratuek abesti honen aztarnarik ez aurkitzea, Lafittek publikatu aitzin. Baliteke itzulpen berantiarrekoa dela: aspalditik dator inguratzen gaituzten kultura anitzetako kantak euskarara ekartzeko ohitura, itzuliz ala egokituz, hitzak ala melodiak. Gertakarien haria bilbatzen dugu jadanik: Maddik gauak eta egunak sorgintzen dituela dirudi, sineste animistak eta fede kristaua gurutzatuz Pazko Arratsean, ur menturaz benedikatua isurtzen dela, emaztea orein bilakatzea bideratzeko. Izerdia imajinatzen dugu bere abere larruan perlatzen, hats hartze trinkoak, oihan ilunean, zakurrak gibeletik zaunkaz dituela. Irudia indartsua da eta izpirituak gatibatzen ditu. Ura ixuririk sorginen bidean Dohaina bildu dut Bazko arratsean Gauaz Mayi nuzu, egunaz oreina Etxeko zakurrek xerkatzen nutena. Familia eredu baten lekuko dator Ura ixuririk kanta. Ama, Jakes semea, eta Maddi alaba eta arreba dira pertsonaia nagusiak. Lehen koplan, neskatxak bere burua aurkezten baldin badu, bigarrenetik hara, ama-semeen solasaldia garatzen doa. Bien artean halako konplizitate bat nabaritzen da, sorginduriko andereñoa beraien kontroletik kanpo oreinez aldatzen jolasten bailitzan, lanjerraren mugetan. Jakesek orak askatu ditu, amaren arrangura harrotuz: – Jakes nun tuk orak ez tiat senditzen ? – Oihanpean kurri, oreina xerkatzen… – Jakes deit zakurrak, salbazak arreba! – Ama nola sinets Mayi daitekela... Zakurrek ez dute huts egiten: oreina harrapatu eta ausikika hil dute. Jakes, ez da ohartzen, ezin du asmatu, oreina Maddi dela, lana kanitaz edo labanaz bukatzen du: abere zenduari erraiak idokitzen dizkio eta haragia pusketan ematen du, kozinatu eta jateko prest. Bere arrebarengan pentsatzen du amultsuki, ehiza apailatuz plazer eginen diolakoaz ziur. Jakes zakurreei hasi da xistuka ; Oreina hil dute kolpez hausikika. Jakesek kanitaz eman du pusketan : – Aseko ahal da Mayi gurekilan. Azkeneko bertsoak istorio doloretsuaren mamia agerian uzten du. Abeslariaren eta entzuleen gogoetan, denbora ahantzietatik datorren kanibalismoarekiko horrore zaharra bermatzen da. Jakesi mintzo zaio Maddi, nahiz eta tupina bere haragi egosiaz mukuru egon. Azken bi lerroetan aldiz, amak bere burua nola hiltzen duen azaltzen da: puñala bihotzean sartzen du, ohartzen delarik alaba galdu duela. – Afal, afal, Jakes ni nuk hor lehena Ene haragiaz beterik dupina! Ama sala zolan nigarra begian, Puñala sartu du bere bihotzean. Erroak, zeltiar munduan dituen frantsesezko La Biche Blanche kanta anitzez luzeagoa da. Honetan, hastapenean, ama eta alaba biak oihanean paseatzen dira. Alabak salatzen dio, euskarazko bertsioan ez bezala, egunaz neska izanik gauez oreina dela eta guztiak atzetik dauzkala, baroiak, printzea eta denetan arrabiatuena Renaud bere anaia propioa. Oreinaren hilotzak, ile horiak eta emakume bularrak dituela seinalatzen du bertsoak. Margueritek xuxurlatzen duen hondar koplak ez ditu xehetasun morbidoak eskas, aditzaile prestuen zoramenerako agian. Hona, dasta, oinarrizko hizkuntzan: Vous n'avez qu'à manger Suis la première assise Ma tête est dans le plat Et mon coeur aux chevilles Mon sang est répendu Par toute la cuisine Et sur vos noirs charbons Mes pauvres os y grillent. Zehaztasun kurruskarien aldetik, aitortuko dugu, euskara askoz ere diskretuagoa dela: gurean, beti ere, labur eta on hobe. Troiako gerraren bezperan, zorte ona eskuratzeko, Agamemnon ankerrak bere alaba sakrifiziora eraman zuenean, Artemisa jainkoak Ifigenia oreinez aldatu zuen: metamorfosiak, Maddi gaizoaren kontrala, bizitza salbatu zion behingoz. Esoporen fabuletatik hasi eta Marie Darrieussecq-en Ahardikeriak nobelaraino, aberetzen diren jende itxuraldaketak ugariak dira. Baina menturaz Ura ixuririk olerkiak badu izpirituak subliminalki urratzen dizkigun beste zerbait. Oreina, lurrean eta airean dabilelako askatasunaren, gaztetasunaren, garbitasunaren eta haurtasunaren inozentziaren sinbolo sexuala da, feminitate arinarena eta larruz larru, oihanez oihan, zuhaitz handien gordean, gozatu daitekeen maitasunarena. Ez da arraroa halatan, heriora hezi zakurrez gain, baroiak, printzeak eta anaiak erakartzen baldin baditu, botere zirkuluak bezain moralak debekatzen dituen harreman inzestualak ahantzi gabe. Zer lotura eduki dezake horrelako kanta misteriotsuak? Familiaren baitan, zenbaitetan, garatzen diren biolentzia mota baten adibide zoharra aurkitu daiteke. Amak haziriko jeloskeria mutuaren haritik, anaiak, alegia deus ez, kalitzen duen alabaren istorioa irakurtzen ahal dugu lerro hauetan. Maddik agian, sendiaren ohorea kolpatuko zuen, inguruko, eta menturaz bere klase sozialekoak ez ziren gizonekin jolasten ibiltzeagatik edo, metaforetan itorik, ehiza eraz apaindu bortxaketa kolektibo baten hatza dakarkigu. Mendeku bat ere gorpuztu dezake: oreinak, belarri oinetan adartxoak dituenez, eskualdeko senar bat engainatuko zukeen eta horregatik hiltzea merezi zuen. Gizonezkoek taldean obratuko dute eta ama, azken finean gaztiguaren ardura onartuz, suizidatuko da: Ama sala zolan nigarra begian, Puñala sartu du bere bihotzean. Sortaldeko Europa osoan aurkitzen dira eresiaren bertsio ezberdinak. Horrek frogatzen ote du sinboloak eta genero bortxakeriak inkontzienteetan sustraituak direla, hizkuntz aniztasunaren gain-gainetik? Honek egiten du abesti hau hain uhergarria. Pazko arratsak latzak dira Euskal Herrian, Bazko Gaüerdi Ondoak adina. Udaberriaren etorrera eta bizitzaren birberritze alaia ospatzeko ordez, gauaren itsuaz balia, kantuetara jaukitzen diren hilketa erritualak konplitzen dira. Ondotik lasterrak, malkoak, doluak, eta ama xifrituen betirako damuak. Egunaren eta odol jarioaren arteko kontrastean datza eresi hauen oinarrizko edertasuna. Abestiak humanotzen gaitu, eta sorgintzen…
news
argia-9ed65adec36d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/mariano-ferrer-kazetaria-analista-politikoa.html
"Ezker abertzaleak herriari azalpen bat zor dio"
Mikel Asurmendi
2015-10-25
"Ezker abertzaleak herriari azalpen bat zor dio" Informazio esparrutik kanpo bizi da, baina  gure galderei ganoraz erantzun die. Hona euskal gizarteaz daukan ikuspegia: "Ari da sendatzen. Gertatu zaiguna oso gogorra izan da. Ez bakarrik ETA dela eta, baita Guardia Zibila dela eta ere. Denok oso gaizki pasa dugu, batzuek gaizkiago, bizia jokoan izan baitute, eta beste batzuentzat, ikusle bezala, ez hain inbolukratuak, baina drama izugarria bizi izan dugulako. Gatazkak gure bizitzaren parte handia bete du, orain distentsioa behar dugu. Batzuek nahi dute dena ahaztu, beste batzuentzat gatazkaren eboluzioa ez doa ongi. Gizartea pausaldian dago". Non kokatzen duzu euskal gatazka? Nire bizitzan. Beharbada, hori esatea, umiltasun falta da. Baina, hori da ziur dakidana. Bestela, nola erantzun? Noraino joan nahi duzu? Nafarroako historiaraino... Non kokatzen dugu zehazki gatazkaren hasiera? Gertatuak, inoiz gertatu behar ez zitezkeen gauzen atalean sartzen ditut. Tamalez, gertatu dira eta eramaten ikasi behar dugu. Nola ikusten duzu orain euskal gaztaka?   Gertatutako guztiak bizi eta eztabaidatu ondoren, nik geratu zaigunaren deskripzioa daukat. Nik gatazka deitzen duguna ETAren erabakitasunean kokatzen dut. Arazo horri aurre egiteko hainbat modu izan dira, baina niretzat euskal gatazka deitzera iritsi garena, ETAren ekintza da. Euskal Herriak arazoei aurre egiteko modua baldintzatu duena, baita euskaldunek elkarrekin bizi ahal izateko marko politikoa markatu duena ere. Komenigarria da hori ongi zehaztea. ETA jaio zen garaian, hainbat euskaldunek –zaila zait kuantifikatzen– herriaren ideia bat zuten, Espainiaren ideia determinatu batekin talka egiten zuena, ideia hori inposatzen zitzaielako. Horren aurka borrokatzea erabaki zuten. Arazoa da, bazeudela beste euskaldun batzuk ere, euren herriaren ideia zutena, eta ez zutela bat egin ETA bilakatzen joan zenarekin. Espainiaren ideiari aurre egiteak zapaltzaileen aurkako borroka militarra egitera eraman zituen etakideak. Etsaiaren zirkulua progresiboki zabalduz joan zen, ordea. Eremu hertsiki militarrean aritzeak ETA bere arlo ideologikoa ixtera eraman zuen. Bere borrokak, borrokatzen zuenaren izaera hartu zuen, ETA ideia determinatu baten inposizio militarra bilakatu zen. Egia da, ETAkoek argudiatu dezakete ez zutela borroka egiten herri konkretu baten ideia inposatzeko, euskaldunek zer izan nahi duten espresatzeko baizik. Baina, prozesuaren bilakaeran –horretan bai izan dela prozesu bat–, beraiek bezala pentsatzen ez zutenen aurka egiten amaitu da ETA.   Zein parametrotan kokatzen duzu gatazka nazioarteko testuinguruan? Nazioartean gatazka txikia da, ia huskeria. Neurri batean, 11-M delakoak, fenomeno terroristak, ETAren borroka bere dimentsioan kokatu zuen. Esku artean zer-nolako jostailu geneukan konturatu ginen. Ikaratu ginen. Guk bizi genuenak beste dimentsio bat zeukalako edo har zezakeelako. Errealismo bainu bat izan zen. Gero, beste bainu bat hartzen joan gara gatazka internazionalizatzeko eramandako ekimen guztiekin. Nazioartean hemengo gatazka beti hartu dute Galia herrixkan hartu zuten bezala. Horrek ez du kentzen, gatazkari beste modu batez heldu ez zitzaiokeenik. ETArekin amaitzeko bitarteko guztiak –hamaika jukutria eta trikimailu– erabili baitira, ETA egotea baliatu dute politikoki. Zein neurrian erabili du Espaniako Estatuak ETA? Estatuari ETA komeni izan zaio, subjektu politiko independentea izan nahi duen nazio baten euskal kontzientzia eta identitatea geldiarazteko. Espainiako gobernuek ETA baliatu ahal izan dute batasun nazionalista oztopatzeko, herri batuaren eta geure herriaren ideia politikoa ezinezkoa bihurtzeraino. Guztiz horrela dela? Ezin dut jakin. Baina horrela pentsatu dutela, bai. Gehiago ezin dut esan. Ba al dago bake prozesurik? Ez. Ez gaitezen engaina. Badaude saio zintzoak  gertatu zaiguna modu onenean buka dadin. Ez dago prozesurik, ez duelako aurrera egiten, teknikoki diot. Bakea lortzeko –egoera honekin bukatzeko, hobe esanda– "euren arteko gatazkan" egon diren parteen artean ez da ezer egin. Gizartea ari da poliki esnatzen. 50 urte luzeko bizipen traumatikoaren ondoren sosegu-prozesuan dago, gauzak bestera ikusi nahian. Etorkizunari eta bere buruari begira, pentsakor.    Bukatu al daiteke gatazka modu ordenatuan? Modu ordenatuan bukatzea esateak eta egiteak "lotu gabeko hariak ez daitezen geratu" aditzera eman nahi du, gertatua errepikatu ez dadin. Gobernuari eskatzen zaio modu ordenatuan jardutea. Baina, zoritxarrez, ez du ezer egin, eta gainera egoera baliatzen du giro politikoa endredatzeko politikoki eta ideologikoki. Gobernuari irudi dakioke ETAren "granoa" sendatzeko onenena usteltzen uztea dela. Gizarteari txerto bat bezala aplikatzeko, granoa narda bihurtzeraino. Gizarteak gertatua ez dela errepikatu behar ikas dezan. Politikan gertatzen ari dena herritarrok azter dezagun kausa horien ondorio bezala. Baina, egungo egoera politikoa den bezala izan dadin kalkuluak daude. Estatuak ez du interesik gatazkari amaiera azkarra emateko, ez du nahi ETAren errekonozimendu moduko inpresioa gera dadin. Gainera, Estatuak beste nahi bat dauka: ETAren amaieratik euskal gizartearentzako irakaspen bat eratortzea. Hori errelato ospetsuaren bidez bideratzen da. Nola ikusten duzu errelatoa delakoa? Errelatoa egiteko moduak daude. Errelatoaren teoria determinatu baten arabera, egoera honi eman behar zaion bukaerak oso argi utzi behar du nor diren hiltzaileak eta nor biktimak. Zein diren errudunen betebeharrak eta zein kaltetuen eskubideak. Beraz, errelatoa ezin da egin ETAren historiaren alde. Jokabide horrek aurre-planteamendu batzuk ezartzen ditu amaitzeko moldean. Teoria horren arabera, ekibokoak sorrarazi ditzaketen errelatoak galarazi behar dira. Errelato bat baino, errelatoak behar dira. Noski. Bakoitzak modu batez bizi ditu gertatuak. Balio duen errelato bakarrak bakoitzak egiten duena da. Badaude ordea, kazetaritza hizkuntzaz esana, gertakariak nolabaiteko "facticidadez" kontatzea. Ukatu ezinezkoak. Halere, uneon, utopikoa iruditzen zait errelato bat egitea, nor den ona eta nor gaiztoa planteatzen bada. Noiz hasten zara gertatua kontatzen, zein osagai sartzen duzu? Nola kontatzen duzu: zuk nirea eta nik zurea? Dena den, kontatzekotan izan dadila erabakiorra eta enpatikoa denen sufrimenduarekin.   Sektore batzuek ezker abertzaleari egozten diote biktimekin enpatiarik ez izatea. Horrela ikusten al duzu zuk? Nire egia nahi baduzu –galdera ez da samurra–, ezker abertzaleari nik aurpegiratzen diot –ezker abertzale politikoari, adi, politikoari– konturatu ez izana gertatzen ari zenaz, eta konturatu bazen, ez geldiarazi izana bizi izan dugun nora eza. Hau da, diktaduraren aurkako ideiatik –herriaren ideia eta proiektua garatzea oztopatzen duena– herriari berari euren errealitatea ulertzeko era inposatu nahi izatera pasa izana. Euskal gizarteak ETAren borroka legitimatu ahal izango zuen, baina progresiboki jokatzeko modu horri uko egin zion. Ikaragarria da ezker abertzaleak hori ez hautematea, eta hauteman bazuen ez gelditzea. Ezker abertzaleak herriari azalpen bat zor dio. Nola ikusten duzu presoen egoera? Hasteko garbi gera dadin: presoen egoera onartezina da, salagarria. Espetxe politikak ez dio batere lagundu ETAri eta ezker abertzaleari eskatu zitzaiekeen eboluzioa izan dadin. Gaia oso konplexua da. Erakunde batek erruduna dela onartzea, ekibokatuta zegoela esatea, ez da bakarrik problematikoa, sinesgarritasun eza eta barne zatiketa eragin ditzake. Arazotsua da, denek ez dutelako ETA fenomenoa berdin bizi izan, ez dutelako berdin pentsatzen, eta militantziaren parte bat abandonatuta utzi dezakeelako, euren lengoaian "ideiarekin gehien konprometitu direnak". Errazena da, "ETAk desagertu behar du" esatea. Esaiozu 450 presoei, hauen lagun, senide eta milaka pertsonen kolektiboari: "Hor konpon!". ETAk eta ezker abertzaleak bitarteko guztiak findu nahi izatea logikoa da ingurune horri dagokion amaierak kalte txikiena izan dezan, baita bere ideia politikoari alboko kalterik ez egiteko. Hori ere ulertu behar dugu, denok. Elkarbizitza finkatzea oso zaila da. Gatazka ideologiko politiko-militarra bukatu behar denean, azken "trukeak" konplikatuak dira. Bakea, justizia, inpunitatea eta barkamena mila modutan ulertu daitezke.
news
argia-14bc06c20cd9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/aitor-zabalgogeazkoa.html
"Gobernuentzako aitzakia gara, baina guk tirita jartzen dugu, ez gara konponbidea"
Mikel Garcia Idiakez
2015-10-25
"Gobernuentzako aitzakia gara, baina guk tirita jartzen dugu, ez gara konponbidea" Siriako gatazka gertutik ezagutzen du Aitor Zabalgogeazkoa bilbotarrak. 2012tik han aritu da Mugarik Gabeko Medikuko kidea, baina segurtasun arrazoiengatik Turkiako ordezkaria da gaur egun. 2006tik 2012ra, erakundearen zuzendari nagusia izan zen Espainiako Estatuan. Nazioarteko laguntza ereduaz, politikaz, hedabideez… eta egiten duten lanaz jardun dugu. 1971n sortu zen MGM, nazioarteko laguntzaren eraginkortasun falta gainditzeko. Oraindik ere gabezia hori nabari duzue instituzioen aldetik? Instituzioen aldetik bakarrik ez, baita laguntza humanitariorako sisteman ere, horretan jarduten dugun erakundeak barne. Eta gatazken eta hondamendi naturalen dimentsioa eta konplexutasuna handitu baino ez da egin berrogei urteotan. Honek esan nahi du etengabe egokitu behar dugula, baina instituzioak eta nazioarteko laguntzarako erakundeak ez dira gai erritmo horri aurre egiteko. Siriako gatazka adibidez, teorian gerra zibil bat da, baina errealitatean, eskualdeko eta nazioarteko aktoreek dituzten esku-hartze guztiak aintzat hartuta, gutxienez eskualde mailako kategoria eman beharko genioke, hamabost herrialde baino gehiago daudelako gatazkan inplikatuta, eta Irak, Libano, Jordania edota Turkiari eragin dielako. Horrelako gatazka bat lehertzen eta enkistatzen utzi du nazioarteko komunitatearen eta eskualdeko botereen pasibotasunak. Batetik nabarmendu beharko genuke halakoei aurre hartzeko gaitasun politiko eta diplomatiko eza; bestetik, egoera lehenbailehen konpontzeko esku-hartze politiko eta militarrerako gaitasun falta; eta azkenik, sistema eta ezintasun horretan guztian sarri galdua geratzen dela laguntza humanitarioa. Gerrei eta Genevako Hitzarmenei buruzko legeak berrikustea funtsezkoa da, eta erabakiak hartzeko beste modu bat adostu behar du Nazio Batuen Erakundeak, bestela proposatzen duen edozein ekintza sistematikoki blokeatuta geratzen da eta laguntzarako aukera baino ez du, ezin du soluzio politikorik aurrera atera. Finantzazio arazoa ere handia da: Nazio Batuetara doan kopurua herrialdeek erabakitzen dutenaren esku dago eta gatazka asko finantzaziorik gabe geratzen dira. Adibidez, duela hamar bat urte lurrikara izugarria izan zen Bam-en [Iran hegoaldean], direnak eta ez direnak agindu zituzten, eta gero nazioarteko komunitateak agindutakoaren %40 bete zuen, Iran zelako. Eta berdina azken hondamendi naturalen kasuan, Haitiko lurrikara adibidez. Medikuntza independentea da zuen filosofia, ideologiarik gabea. Presio politiko, ekonomiko, militar eta erlijiosorik jasaten duzue? Gu medikuntza humanitarioaz mintzo garen arren, interesak ez dituen medikuntzaz, gure definizioa politikoa ere bada, funtsean. Eta presioak bai, asko ditugu, batez ere gatazketan, non nazioarteko eskubide humanitarioak errespetatuaraztea etengabeko borroka den: medikuntza-misioen kontra ez dezatela erasorik egin, ospitaleen eta langileen kontra… Sendagaien ikerketa eta garapenerako funts ekonomikoak lortzea ere borroka handia da, batik bat gutxi garatutako zonaldeetan oso hilgarriak diren gaixotasunei begira. Tokiko gobernuei aurre egin behar izaten diezue? Leku asko eta askotan ez gara ongietorriak. Turkian lan egin ahal izateko baimena zortzi urteren ostean lortu dugu, Sirian lan egiten utz gaitzaten hamar urte daramatzagu hartu-emanean, eta toki ugaritatik ostikoka bota gaituzte. Ez gaituzte gustuko, gu egoteak agerian uzten duelako arazo handi bat dagoela eta lekuko gobernua ez dela gai bertako problema sozial eta medikuei aurre egiteko. Sorospena edo laguntza ematea batetik, lekuko egoera aldatzeko erremintak eskaintzea bestetik. Dikotomia horretan, non kokatzen zarete? Sorospen eta laguntza praktika da gurea, nahiz eta argi dagoen askoz ere lan gutxiago izango genukeela garapenen laguntzara edo gatazken prebentziora bideratutako politika hobeak baleude. Beraz, aurretik ahalegin politiko, sozial eta ekonomikoan inbertitzea eraginkorragoa da, baina egia da baita ere ondorioak iristen direnean ezin dugula jendea hiltzen utzi. Gobernuz Kanpoko Erakundeak aitzakia zarete gobernuek euren ardurei iskin egiteko? Bai, aitzakia gara beti, sistemaren parte, baina guk tirita jartzen dugu, ez gara konponbidea, eta gizarteak hori ulertu behar du: laguntza humanitarioa da zartakoa hartzen duzunean jartzen dizuten anbulantzia, baina anbulantziak ospitalerik gabe ez du ezertarako balio. Zartakoak gerta ez daitezen nazioarteko erakundeek zenbat eta erabakimen handiagoa izan eta finantzazio handiagoa bideratu, hobe. Hiesa eragiten duen GIB birusari aurre egiteko Afrikan azken urteotan askoz gehiago inbertitu izan balitz, inpaktua ez zatekeen hain handia izango; Haitin garapen on batean indarra jarri izan balitz, lurrikarak ez zukeen hain ondorio lazgarririk utziko; atzerri politika egokiagoa egingo balitz Ekialde Ertainean, ziurrenik ez zatekeen gertatuko Libia, Irak edo Sirian jazotakoa... Ezberdina al da errefuxiatuak artatzea, gerra dagoen herrialdean aritzea, gosetean nagusi den lurraldeetan jardutea, epidemiei aurre egitea…? Egoera bakoitzak hurbiltasun eta erantzun ezberdina eskatzen du, baina nagusiki hiru errealitate bereizi ditzakegu: gerra guneetan, sartu eta bertan lan egin ahal izango dugula negoziatzea eta ziurtatzea da arazo nagusia. Afganistanen jasan berri dugun bonbardaketak [AEBetako tropek MGMren egoitza bonbardatu zuten urri hasieran] edo Siria, Somalia eta abarreko bahiketek erakusten dute, kirurgia edo trauma egiteko oso prestatuta egonagatik, lekuan lan egiteko ziurtasunik ez badugu ez garela eraginkorrak. Goseteetan, erronka handiena da eskura dauden aurrerapen mediku eta zientifiko guztiak egokitzea, baina askotan ez dugu erreminta nahikorik, eta sarri berriegiak dira, probatu gabe daude eta arazo etiko eta politikoak daude tartean. Eta hondamendi naturaletan eta biztanleen desplazamendu handietan, lehentasuna da ahulenak identifikatzea: urakanak edo desplazamenduak denei eragiten die, baina egoera horiei aurre egiteko jende prestatuagoa dago, aurrezkiak dituelako, sare familiarra… eta halakorik ez dutenak. Zein arlo jorratzen dituzue? Gaixotasun ahaztuetara ahalegin handia bideratzen dugu, baita lehen mailako osasun arreta prebentibora ere, eta beste arlo nagusia medikuntza espezializatua da: gerra-kirurgia, ebakuntza osteko zaintza… Laguntza psikologikoa ere eskaintzen dugu. Adibidez, Palestinan zaintza kirurgikoak nahiko ondo bideratuta dituzte bertako medikuek baina tratamendu psikologikoa ez, eta hor sartzen gara gu. Ebolaren aurkako gurutzada famatu egin zen, Lehen Mundura iritsi zenean. Ebolak erakutsi zuen osasun sistemek funtzionatzen ez duten lekuetan mota horretako epidemiak krisi humanitario bilakatzeko aukera oso handia dela eta globalizazioaren ondorioz, mundu mailako inpaktua izateko probabilitatea ere altua dela. Halakoetan, herrialdean bertan laguntzea ezinbestekoa da, epidemia global bilakatu ez dadin. Orain ere, Europara iritsi nahi dutelako akordatu gara errefuxiatuez hedabideok. Hiru urte daramatzat Siria eta Turkia artean eta bazetorrela ikusten genuen. Turkian bi milioi eta erdi errefuxiatu eta Libanon beste milioi eta erdi daudela ikusten duzunean, konturatzen zara zerbait gertatzen ari dela. Jendeak pentsatzen zuen azken bi urteotan egoera konponduko zela eta bake akordioa sinatuko zutela, baina gero eta garbiago dago gatazka siriarraren eta hedaduraz gatazka irakiarraren irtenbiderik ez dela egongo epe motzera. Horregatik, jendeak erabakiak hartu behar izan ditu, hainbatek bizitza guztirako: hasieran etxetik gertu geratu dira, bueltatzeko esperantzan, baina konturatu dira ez duela merezi itxaroten jarraitzea. Ekialde Ertaineko gatazken batez besteko iraupena kontuan hartuta (Libanokoak 15 urte iraun zituen, Irakekoak 12 daramatza…), ez dirudi Siriakoa bihar bukatuko denik. Fokua hor jarri dugun arren, beste leku batzuetan kronikoa da larrialdi egoera… Leku batzuetan zulotik ezin atera daramatzate urteak eta urteak. Nik 30 urte daramatzat honetan lanean eta berdin jarraitzen dute Afganistanen, Somalian, Afrika erdialde guztian (Mali, Niger, Afrika Erdiko Errepublika…). Eta horretan guztian zein ardura etiko eta legal dugu Lehen Munduko herritarrok? Nazio Batuak bezalako nazioarteko sistemen eraginkortasun faltan ardura dute gobernuek. Maila pertsonal eta komunitarioan, bizilagunari gertatzen zaionak ez arduratzea, jarrera insolidarioa izateaz gain, ez da jarrera inteligentea, era batera edo bestera ordaintzen bukatuko duzulako zuk ere. Bizi garen munduan, dena dago dirudiena baino gertuago, eta ikuspegi egoista batetik begiratuta ere, bestelako gizarte eta komunitateak eraikitzearen alde egin behar genuke. Horrorearen aurrean anestesiatuta gaude? Zuek nola daramazue egunerokoa? Umore beltz askorekin, zer erremedio. Eta gure artean babes handia emanez. Gaizki pasatzen dugu, baina ez dugu oso gustuko esperientzia pertsonalez aritzea, Alepoko bonbardaketa batean hondakinetatik 10 urteko ume bat ateratzen ari zarenean inportantea ez da erreskatatzailea, erreskatatua baizik. Eta anestesiatuta diozu… Hedabide batzuek kolpeka funtzionatzen dute. Paradigmatikoa da: mugan pilatu diren 200.000 errefuxiatuak arazoa dira 400 milioi biztanleko Europar Batasunarentzat, baina 6 milioi errefuxiatu ez dira arazo izan 80 milioi biztanle inguru dituzten Turkia, Jordania eta Libanorentzat. Bereziki harrotzen zaituen lorpenen bat? Gaixotasun kutsakor eta ahaztuak mapan jarri izana: ebola, malaria, leishmaniasia… Urte askotako lana izan da. Kolektibo moduan, jendeak ikustea gerretan ere legeak daudela, errespetatu beharreko arauak. Eta pertsonalki, azkena nabarmentzearren, Sirian egindako lana, ahal izan dugun guztia egin baitugu, oso inguru zail eta biolentoan. "Ebolak erakutsi zuen osasun sistemek funtzionatzen ez duten lekuetan mota horretako epidemiak krisi humanitario bilakatu daitezkeela", dio Zabalgogeazkoak. Mugarik Gabeko Medikuek 2.500 langile baino gehiago dituzte munduan barna, lekuan lekuko 30.000 profesionalekin batera aritzen direnak.
news
argia-241bbbce8f08
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/kataluniako-etorkizunari-begira.html
Kataluniako etorkizunari begira
Asier Blas Mendoza
2015-10-25
Kataluniako etorkizunari begira Kataluniako hauteskundeak plebiszitarioak izan dira. Datu guztiek garbi utzi dute. Galderari erantzun argia eman zieten hautagaitzek lortu zituzten emaitza hoberenak, partaidetza inoiz Katalunian egon den bigarren altuena izan da eta interpretazio gehienak, alderdien artean eta nazioarteko hedabideen artean, plebiszitu bati dagozkion motakoak izan dira. Lehenengo aldiz historian Kataluniak bere estatus politikoari buruz erabakitzeko eskubidea egikaritu du. Herrialde batek pauso hori ematen duenean, ez dago atzera bueltarik, eta hori jatorrizko estatuak badaki, horregatik zuhurra bada eskubide hori erregulatu egiten du. Beraz, norbaitek irabazi baditu irailaren 27ko hauteskundeak, hori katalan herria izan da. Etxean eta nazioartean aditzera eman dute demos soberano bat dagoela Katalunian. Beste kontu bat da independentzia. Aldekoek emaitza oso onak izan dituzte, baina ez dira nahikoak azken geltokira iristeko. Botoetan oinarrituriko aldebakarreko sezesio aldarrikapenak sostengatu direnean, gutxienez, parlamentuan edota erreferendumean bi hereneko gehiengoarekin egin dute. Beraz, Kataluniako %47,74a ez da nahikoa independentzia gauzatzeko, bai ordea sezesio prozesuarekin aurrera jarraitzeko Parlamentuko diputatuen gehiengo osoa independentista izango delako. Etorkizunari begira, lehenengo erronka abenduko Espainiako hauteskundeak izango dira. Katalunian bigarren itzuli papera bete dezakete. Unionismoak emaitza onak lortzen baditu eragingo dio sezesio prozesuari. Antzera gerta daiteke Espainia mailako emaitzekin, zeresan handia emango dute Bartzelonan. Hauen arabera, 2016 eta 2017rako hiru eskenatoki aurreikusi daitezke: 1) Madrilek abenduko hauteskundeen ostean aldebakarreko dinamika hausten du prozesua bere legalitatearen baitan egokitzeko. Erreforma konstituzional serio bati ekiten dio eta Kataluniari proposamen erakargarri bat egiten, estatus berri bat proposatuz eta bere sezesiorako erabakitze eskubidea onartuz Kanadako argitasun legearen ildotik. 2) Gobernu independentista berriak aldebakarreko estrategian sakonduz Estatu katalana eraikitzen joan ahala, hirugarren bidearen defendatzaile diren horiek posizioa hartzera derrigortuko ditu, batez ere, Espainiatik inolako proposamen seriorik etortzen ez bada. Ondorioz, hirugarren bideko boto-emaileek eta politikariek independentismora lotzeko pizgarri asko izango dituzte. Uneren batean Kataluniako Legebiltzarrean aldebakarreko independentzia aldarrikapena botatzen bada, litekeena da oraingo 72 diputatuen gehiengoa baino zabalago batek ematea sostengua. Une horretatik aurrera, hauteskunde konstituziogileen edota sezesio erreferendumaren unea iritsiko da Kataluniako legalitatearen baitan. 3) Bigarren agertokian, independentzian bukatu aurretik, Espainiak, desesperatua eta kanpo presio pean, Estatu katalan berriarekin konfederazio akordio bat (izen desberdinak hartu ditzake) sinatu dezake eta  autodeterminaziorako eskubidea aitortuko lioke (seguruenik urte batzuetako kadentziarekin, hau da, hiru, lau edo X urtetan ez erabiltzeko konpromisoarekin). Abenduko hauteskundeetan ez dirudi Espainiak bere itsukeria albo batera utziko duenik, baina katalanek gauzak txukun egiten jarraitzen badute, Mendebaldeak derrigortu egingo du Espainia hirugarren agertokia negoziatzera. Europar Batasunak eta NATOk barne sezesio bat onartu behar badute, era pausatuan, kontrolatuan eta ordenatuan egitea lehenetsiko dute, aldaketa drastikoak saihestuz.
news
argia-bc1176878ef7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/carlos-martin-beristain-psikologian-doktorea.html
"Biktimen manipulazio politikoa faktore oso kaltegarria da"
unknown
2015-10-25
"Biktimen manipulazio politikoa faktore oso kaltegarria da" Gatazketako biktimen gaietan aditua da. 30 urte daramatza lan horretan. Gleencree ekimenaren sustatzailea da: "Hazia erein da. ETAren, GALen edo torturaren biktimek zerbait salatu badute, biktimen politizazioa eta erabilpena izan da". Iraganeko Gesto por la paz, Elkarri edo Lokarri bezalako ekimenen hutsunea nabari du gaur egun: "Dinamika berriak behar ditugu, gizarte-espresio berriak izateko". Gatazkaren konponbidean irtenbide politikoa beharrezkotzat jotzen du, "bortxari, terrorismoari, gatazka armatuari amaiera emateko. Nahi duzun bezala deitu, ez dut lengoaia erabiltzen ezer legitimatzeko". Zein parametrotan kokatzen duzu euskal gatazkaren izaera? Zein dira ezaugarriak? Hainbat planotan kokatzen dut. Bat, nazio izaera dela eta, identitatearen planoan. Bi, gatazka politikoa da. Eta bortitza. Ezaugarri bat: gatazkaren inguruko lengoaia polarizazioaren menpe dago. Nik "gatazka" dagoela esaten badut, ETAren jarduera legitimatzen ari naizela dio beste batek. "Terrorismoa" esaten badut, beste batek ETAz ari naizela, baina ez estatu terrorismoaz. Termino bat erabiltzeak determinazio politikoa dauka, leku batean edo bestean jartzen zaitu. Areago, galarazten dizu horretaz hitz egitea, gai hau nola deitzen dugun definitzea. Uneon, gatazkaren egoera edo "bake prozesua" atipikoa da. Nazioarteko gatazka armatuak aztertzea besterik ez dago. Adibidez, El Salvadorrekoa. Han berdinketa militarrak gatazka blokeora eraman du, baina irtenbide politiko bat bilatu dute. Guatemalan berriz, ez zegon berdinketarik gerrilla garaituta zegoelako. Estatuak garaipen politikoa nahi zuen, prozesua apurtu zen eta konpondu gabe geratu da. Euskal Herrian derrota militarra bistako da. Estatuak egoera kontrolatuta dauka. Hala ere, ETAren biolentzia bukatzeko izan diren faktoreak ondo aztertu beharko lirateke. Ez dago bakarra: batetik, biolentziaren zentzugabekeria, gizartearen nekea eta irtenbiderik eza daude. Eta aldi berean, bestelako irtenbideak bilatu ordez, Estatuaren aldetik proposamen autoritarioenak gailendu dira. Zuri zein aspektu interesatzen zaizu gehien gatazka armatuari amaiera emateko unean? Amaierara eraman dezaketen zirkunstantziak baino, niretzat funtsezkoa da zehaztea prozesuaren legitimotasunean nork irabazten edo nork galtzen duen gehien, biolentziak gizartearen baitan eragin duena sakon aztertzea. Hau da, nola ehuntzen dugun apurtu den gizarte sarea, hainbat biolentzia motak joa izan dena. Horretan nazioarteko esperientziak badu zer erakutsia. Erabili diren bitartekoak, hartu dituzten erronkak, nahiz eta gurea ezberdina izan, beste gatazkak ispiluak dira gure gatazkari buruz ikasteko. Nola definitzen duzu gatazkak eragindako biktima? Biktimaren definizioa ez da asmatu behar. Giza Eskubideen Nazioarteko Itunean dago. Sufrimendu larriak jasan dituen pertsona da biktima. Horretan sartzen dira giza eskubideen biolazioak, baita abusuak ere. Sarritan estatuetako agenteek soilik eginak kontsideratuak izan dira, baina ikuspegi hori gehiago zabaldu behar da. Biktima giza biolazioarekin lotzen dut, gatazka batean beste sufrimenduak ere badaudelako, giza biolazioak ez direnak, eta horiek ezberdindu behar dira. Indarkeria mota oro ez da nahasi behar, denaren nahasketak azkenean erabilia izaten baita politikoki, ondorioei aurre ez egiteko, gertaerak eta ekintzak ez desberdintzeko. Alegia, batzuk torturaren biktimak dira, beste batzuk mehatxuen biktimak, bestetzuk hilketen biktimak, desagertutakoen kasuak ere badaude. Gurean nola ikusten duzu biktimen kasua? Biktimen kasuan eboluzio bat eman da azken 20 urteetan. Urte horien aurretik, ETAren biktimek ez zuten ezagutzarik –euskal instituzioen aldetik, adibidez–, terrorismoaren biktimaren legea sortu zen arte. 1990eko hamarkadan hasi zen hori aldatzen, bai legalki bai sozialki. Defizit historikoa izan da: biktima isolatua zen, euren egoera are latzagoa izaki. Paradoxikoki, torturaren biktimek, Batallón Vasco Español edo GALen biktimek errekonozimendu handiagoa izan zuten  herrietan, baina era berean, instituzioen errekonozimendurik gabe. Harrez gero, aurreratuz joan da. Halaber, Estatuaren aparatuen biktimen errekonozimendua hasi da, manifestazioetan hildakoak, poliziak hilak eta torturatuak. Torturaren praktikak ukatuak izan dira, giza biolazioaren ezagutza etsaiari ura ematea balitz bezala. Pertsonen logika, logika politiko bortitz horren barruan erori da, giza eskubideen kulturaz arduratu beharrean. Hori, orain, hemen zatika egiten ari da. Beste herrialde batzuetan aldiz, trantsizio politiko baten terminoetan egin da. Aldaketa bat eman denean, diktadura erori edota gatazka armatua amaitu ondoren, hasi dira politika batzuk indarrean jartzen: egiaren komisioa eta erreparaziorako komisioa sortu dituzte, besteak beste. Hemen, tamalez, dena hasi zen modu zatituan, kasu batzuk kontuan hartuz eta beste batzuk ukatuz, modu partzialean, biktimen izaera eta beren identitate politikoa nahasten. Ondorioz, batzuei espazio sozial handiagoa eman zaie, ez sufritu duten biolazio motaren arabera, identitate politikoaren arabera baizik. Aldiz, beste batzuek hitz egitea zilegi ote duten zalantzan jarri da. Euskal kasuan manipulazio politikoa faktore oso kaltegarria da. Alternatiba politikoak eraikitzeko biktimen aldeko diskurtsoak izan dira. Glencree ekimenean, ETAren, GALen edo torturatuen biktimek zerbait salatu bazuten hori izan zen, biktimen politizazioa eta erabilpena.   Nola eraiki 50 urteko biolentziaren biktimen ondorengo gizartea, kontuan hartuta, frankismo garaia eta haren ondorengo garaia bizi izan ditugula. Zaila da eraikitzen, gizarte jarrerak deskonstruitu egin behar direlako. Herritarrek gertatuari buruzko aurreiritziak eraiki dituzte. Izan ere, diskutitu da zer den legitimoa eta zer ez. Biktima mota bati kategoria bat eman zaio, ez sufritu duenaren funtzioan, bere ideologiaren arabera baizik. Halaber, garai demokratiko batean gaudelako ezin izan da torturaz hitz egin, demokrazian torturatzen ez delakoan, eta biktima horri ez zaio torturatua izan dela errekonozitu. Horiek aurreiritzi sorta itzela sorrarazi dute gizartean. Eta onartezinak dira. Gure lanean egitateak agertu behar ditugu, gertaeren azterketa, biolentzia sufritu dutenengan enfasia jartzen duena, pairatutako biolentziaren injustizian oinarrituta, modu independentean. Diktaduraren kasuan patroia sistematikoa da, eskubide masiboen urraketa izaten da, adierazpen askatasuna galarazten da. Demokrazia garaian, eskubide horiek ezagutuak badira ere –ez dira biolazio sistematikoaren patroiak, diktaduran bezala–, horrek ez du esan nahi demokrazian bizi garelako ez dela torturatzen. Silogismo horrek fabore eskasa egin dio giza eskubideen lanari eta biktimen errekonozimenduari. Eztabaida beste nonbait jarri behar da. Giza eskubideen urraketa ez da erregimen politikoaren legitimitatearen edo balorazioa egiten duenaren araberakoa, demokrazia dagoen edo ez dagoen auzitan jartzen duena. Horrela eginez gero, balorazioa behin betikoa da, eta bien bitartean, biktimen eskubideak bahitzen dira eta arazoari aurre ekiteko egin beharreko politika egin ordez, biktimen sufrimendua erabiltzen da. Tamalez, hori eztabaida politikoaren partea da. Haatik, oinarrizko kontsentsua lortu behar da biktimen errekonozimenduan. Hau da, oinarrizko kontsentsua lortu den giza eskubideen biolazio kasuetan dokumentazioa ongi landu behar dugu. Hori da minimoa. Gatazkan inplikatuak ez badira gutxieneko puntuetan ados jartzen, ez da inoiz biktimen memoria inkluiente bat izango. ETAk behin betiko su-etena iragarri zuen aspaldi. Nola eragin du egoera berriak biktimen ezagutzan? Gizarte giroa hobetu da. Su-etenak lagundu du baldintza mugatuetan eta isiltasunean egiten ziren ekimenak agertarazten. Adibidez, Glencree ekimenaren esperientzia ez zen antolatu kontatua izateko, lan egiten genuen taldeetan bizitzeko baino ez zen sortu. 4-5 urteetan egin genituen topaketa horiek, hasteko, bildutakoen artean giro ziur eta egonkorra lortzerik ba ote zegoen esploratzeko. Biktima ezberdinak elkarri entzuteko gauza ote ziren jakiteko, elkarrekiko errekonozimendua aitortzea ba ote zegoen ikusteko. Sufrimendua balioztatzeko espazio sozialak behar ditugu. Sufrimenduaren kausa politiko-soziala da, baina ez da sozialki eta politikoki balioztatua norbaitek errekonozitzen duen arte. Kasu batzuetan auzokoek errekonozitzen dute eta besteetan instituzioek, ordezkaritza politikoa dutenek, alegia. Errekonozimendu hori oso inportantea da, sufritu duenari legitimitate marko bat ematen diolako. Bestela ezkutatzen da, ez du izate sozialik, nahiz eta euren kausa politiko-soziala izan. Glencree ekitaldiak oso potenteak  izan ziren, baina beti "ez kontatzeko dinamikaren barruan"  eginak. Biktimek "hau ez dugu kontatuko", esan zuten hasieran. ETAren su-eten definitiboa eman zenean, "hau kontatuko dugu. Guk egin dugunak ikasgaia izan behar du beste batzuentzat" esan zuten. Eszenatoki politikoa aldatu gabe ezin izango genukeen esperientzia ezagutzera eman. 3. Gleencree egin zenean, hirugarren taldea errazago iritsi zen akordioetara aurreko bietan baino, gizarte giroa hobeagoa zelako. Hazia erein da. Bai. Kontua da hazia denengana iristea, metaforikoki esanda, haziak jendea eraldatu behar du. Hazi horrek potentzialtasun itzela dauka, bizi indarra, baina faktorea askoren menpe dago. Orain norbaitek behar du ureztatu, jorratu eta zaindu. Osterantzean, esperientzia ona, polita eta egokia izango da, baina hazi-banku batean geratuko da, bertatik atera gabe. Exageratu gabe, Glencree ekimenak errealitatea azaldu du, eszenatoki posible bat agertu du eta esperientzia berriak generatu, eta ez da soilik eragin esparru politikoaren alde batean. Sektore zurrun batzuk kuestionatu ditu, hainbat biktima euren burua ispiluan begiratzera deitu du, diskurtso eraiki bati eragiten dio orain. Baina, kontuz, biktimen elkarte guztiek badute legitimotasun osoa izateko, baita biktimen artatzea beren modura egiteko ere. Zein izan behar du biktimen rolak? Biktimen rolak euren aldeko justizia eta erreparazio eskaerekin batera joan behar du, gertatua eta sufritua berriz gerta ez dadin, gatazkaren eraldatzeko edo biolentzia gainditzeko edozein prozesuan izan ohi den bezala. Horiek horrela, biktima izateagatik arrazoi politikoa izan behar dutela? Ez. Hor planoen nahasketa izan da. Kontuz, torturaren biktima izateak ez dizu legitimotasuna ematen gatazkaren irtenbidea independentzia dela esateko, eta ETAren biktima izateak Espainia zatitu ezina dela esateko ere ez, edo hori kuestionatzen duen inor terrorista dela esateko. Plano ezberdinak daude eta ezin dira nahastu. Politikariek biktimak erabiltzen al dituzte? Noski. Biktimen erabilpen politiko azkarra eta maltzurra izan da, sufrimenduaren erabilera politikoa egon da. Gizartearen polarizazioa eragitea arazoari buruzko kontrola irabazi ahal izateko jokabideak oso okerrak izan dira. Hau da, "zu nirekin ez bazaude, nire kontra zaude" delakoa. Bestelako jarrera baldin baduzu, hemen ez dago ortzadarrik, beltza edo zuri dago. Alde batean zaude edo bestean. Oso hesi altuak altxatu ditugu eta orain horiek bota beharra daukagu. Biktimei bizkarra eman izana leporatu zaio ezker abertzaleari. Ez al zaio beste inori baino gehiago eskatzen biktimen errekonozimenduan? Baliteke. Baina neurri batean normala da. Sufrimenduaren errekonozimendua beharrezkoa da, eta autokritika ere bai. Hori osasungarria da ezker abertzalearentzat eta denontzat. Baina, autokritika ez da jaurtitzeko arma legez erabili behar. Nik enfasia jartzen dut giza biolazioen eskubideen errekonozimenduan, eta hori eskatu behar zaie ETAren biktimekiko sentsibilitaterik ez dutenei, torturatuei bizkarra eman diotenei, Estatuaren aparatuaz baliatu direnei, GALen arduradunei. Izan ere, horien kasuetan errekonozimenduak ezberdinak dira, eta nik ez ditut denak berdindu nahi, baina denek behar dute errekonozimendua, hori beharrezkoa eta osasungarria da. Arazoa da, bakoitzak errekonozimendu hori agertzea ahultasun bat bezala ikusten duela, eta ez indar moral gisan. Nire gomendioa eragile guztientzat hau izaten da: indar morala landu behar dugu, baina ez besteari arma bezala jaurtitzeko, autokritika egiteko baizik.
news
argia-94b26bf81dfb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/itsasoak-eta-beste.html
Itsasoak eta beste
Igor Estankona
2015-10-25
Itsasoak eta beste EGILEA :: Eugenio Montale TITULUA :: Poesia kaiera ITZULPENA :: Anjel Lertxundi Susa, 2015 Eskerrik asko, esan beharko zaio Anjel Lertxundiri, Montaleren poesia sakon bezain zaila, jolastia bezain iluna, klasifikatzeko hain mugakoa, gozatzeko hain naturala, euskarara ekartzearren Susaren Munduko Poesia Kaierak sailean. Kaieren ardura daroan Beñat Sarasolak ere ez daki zelan azaldu, baina ederto azaltzen du liburuko hitzaurrean Montalek eragiten duena: "Izugarrizko ekoizpen poetikoa ez izanagatik, estilo eta molde aski ezberdineko poemak idatzi zituen Montalek. Horietako zenbaitetan, adibidez, poesiari berari eta arteari buruz hausnartu zuen, ukitu umoretsua gehituta inoiz (irakur Poeta bat eta Errimak ). Egiazki, ez da irri egiteko poesia mota bat Montalerena, ezpada XX. mende lazgarriaren testigu maiz aski iluna. Bi mundu gerrak eta faxismoa gertu-gertutik bizi izanda, nekez egin zezakeen ospakizun-poesiarik, eta giza hondamendia ere ekarri zuen Gure garaiaren gorazarre eta Sumina bezalako aleetara. Mendea minutua den hondo bat irudikatu zuen Gatibuaren ametsa n, eta akaso handik etorri zen mendea eta segundoa gurutzatzen diren leku famatu hori". Eugenio Montale (Genova 1896-Milan 1981) pesimismoaren eta giza ezinegonaren poeta gisa katalogatu dute. Baina Eugenio Montale hori baino gehiago dela frogatzeko itzuli ditu Lertxundik hain askotariko poemak hain paleta koloretsua erabiliz. Poesia bitala da irakurleak hemen aurkituko duena, ez tristea. Eta uneka badirudi kaierak kontra egiten diola kritika kanonikoari eta Montale bizizalea barruntatzen dela bi mundu gerren artetik: "Antzinako, horditurik nauka / zure ahoetatik irteten den ahotsak, / zabaltzen direnean kanpai berdeen gisa, / eta atzerako indarra hartu eta gero, desegin. / Auzo zenuen nire uda / urrunen etxea, badakizu, / eguzkiak kiskali egiten duen lur hartan / eta eltxoek airea lainotzen. / Orduan bezala harritzen naiz zure aurrean, / itsaso". Nobel sariak poesia sano fisikoarekin egiten du metafisika: usaindu, entzun, sufritu egiten dira bere hitzak. Ez da hermetikoa: plazera da bere leku pribatuak, bere mamu pertsonalak ezagutzea, bere hitz joko ulertezinak dastatzea. Ez da zaila, baizik eta atsegingarriki konplikatua. Ez da goibela, baizik eta faxismoa bezain arrea. Montale da poeta bat sintaxia bortxatzen duena, hizkuntza zuririk ez darabilena, bihotzarekin idazten duena filtrorik apenas ezarri gabe bere etorriari eta bere tristeziari eta bere pozari. Montale da zure buruari, irakurle, opatu behar diozun esperientzia estetikoa.
news
argia-cba12f2aece6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/pablo-sastreren-artikuluari-erantzuna.html
Pablo Sastreren artikuluari erantzuna
Estitxu Eizagirre
2015-10-25
Pablo Sastreren artikuluari erantzuna Urriaren 21eko Argian (1748 zenbakian), Gizona ez da emakume hiltzen artikuluan, idazleak azpimarratzen zuen sexuak soilik bi direla, "Arrak eta emeak: geure portamenari buruz aurre-disponitzen gaituztenak; (...) Interesantea da sexua eta generoa bereiztea. Generoak matizatu, finkatu, areagotu, gozatu egiten du sexu-diferentzia". Jarraian, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak zerrendatu zituen, ongi ulertu badut, emakumeak gizonen diferente izatea aldarrikatuz: "Emakumeen begirada diferenteak behar ditugu –batez ere, gizonok–". Gizon eta emakumeon artean –beraz, sexua soilik izanik aldagaia– dauden ezberdintasunen zerrendak egiten hasten garenetan –oso kirol gustukoa kafetegi, taberna eta elkarte gastronomikoetan–, etengabe galdera bat ernetzen zait. Zer onik ekartzen digu balizko "sexu portamen aurre-disponitu", edo Jainkoaren antz susmagarria hartzen diodan esentzia horretan sinesteak? Adibide ausart xamarrak jarri ditu Sastrek, baina hala ere, nork daki benetan portaera jakin bat –artikuluan aipatzen dira, besteak beste, panpinekin edo armekin jolastea, bide-peoitza lanak egitea edo kartzelara eraman duen hura– juxtu zakilak edo aluak eragindakoa den? Horretan sinesten duzu edo ez, aldeko adina aurkako ikerketa egongo dira. Baina batez ere: zertara garamatza baietz, hala dela pentsatzeak? Itxuraz ebidentea den zerbait konstatatzera? Akta hartzera? Eta horrek zer ondorio ditu esentziak "aurre-disponitu" dion portamen hori jarraitzen ez dituen gizon eta emakumeen artean? Zure adibideetara itzulita, neskek panpinetarako duten joera ustez "naturala" bada, zer da neska batek armekin jolasteko joera izatea? Zer sentituko genuke neska horrekiko inguruko pertsonek? Utziko genioke bakean bere jolasak aukeratzen? Esentziarekiko sinismen horrekin zer lortzen dugu, gizarte osoak gure portamenak hautatzeko askatasuna izatea ala "berdintasun" (sexu bereko besteekiko) eta "diferentzia" (beste sexuarekiko) eredu alienatzaileena indar osoz inposatzea? Diferentzia aldarrikatzen du feminismoaren zati handi batek, diferentzia eskatzen esentziez dihardutenek... Nola ulertzen dugu diferentzia edo aniztasuna? Feminismoak beldur dion eta esentzialismoak aldarrikatzen duen natura horren oinarrizko arauetako bat da, hain juxtu, bizitza ziurtatzeko, izaki diferenteak egitea (ez klonak). Baina diferente, izaki bakoitza. Gizonen ezaugarriak zerrendatzeaz eta emakumeen ezaugarriekiko ze diferente diren behin eta berriz errepikatzeaz arduratzen diren horiek, aldagai bakarrean (hankartea) jartzen dute marra gorria. Eurek aldarrikatzen duten naturak, aldiz, marra gorria izaki bakoitzaren bueltan jartzen du, eta mila eta bat aldagaien arteko konbinaketak egiten. Zintzoki begiratzen baditugu pertsonak, ohartuko ginateke araua baino salbuespen gehiago daudela. Naturaren araua, juxtu arau-hausteak aurreprogramatzea dela. Badaezpada, datorrena datorrela, izaki gisa bizirik irten gaitezen. Eskerrak eman behar dizkiegula, alegia, "portamen aurre-disponitua" jarraitzen ez dutenei, bost axola portamen hori sexuak edo gizarteak aurre-disponitua den. Denoi zabaltzen digutelako beste portamen bat izateko aukera, eta espezie gisa bizirauteko araua, arau-haustea delako. Sastreren adibide bakarrari erantzuna: Adibide bakoitzak sorraraz dezake iritzi artikulu bat   –eztabaida sustatzea ez da ekarpen makala–, nik honakoaren aurrean ezin eutsi: "Ekibokatua egonen naiz baina, emakume baten ipurdiari jarraitzen dion gizon-begiradaren atzean (barrabil, prostata, zakil) sexu-aparatu bat ikusten dut nik, eta, emakumearen eder agertu nahiaren atzean, umetoki bat ikusten dut". Esaldia egina dagoen eran, irakurleon buruak jolasten du "emakumearen eder agertu nahiaren atzean" omen dagoena asmatzera. Esaldi horretan bertan gizonen portamenari lotuta sexu-aparatu bat (bere barrabil, prostata eta zakilarekin) ikusi dugunez gure irudimenean, emakumeen adibidearen txanda etorri denean, irakurle honen irudimenak ezin izan dio emakumeen sexu-aparatu osoa irudikatzeari. Eta kar, kar, kar, "umetokia" horrek kolpez hoztu dit gogoa. Emakumeok umetokiak bultzatuta jarduten dugula? Gure bizitzan batzuek 0 bider, beste batzuek behin, beste batzuek bi aldiz, hiru, lau... Aldiz, pottorberoak gara bizitza osoan –horri buruzko ikerketak badira, eta errazago dena, galdetu inguruko emakumeoi–, beraz, eder agertu nahi nabarmena emakumeen sexu-aparatuarekin parekatu behar bada, aipatu ez dituzun sexu atalen batekin lotuagoa egongo da. Eta bai, noski, pottorberook ere jarraitzen ditugu begiradarekin besteen ipurdiak.
news
argia-19008c722ebc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/juanjo-barquilla.html
"Jendeari harrigarri zaio inon baino kafe edo te hobea hartzea Agurainen!"
Miel Anjel Elustondo
2015-10-25
"Jendeari harrigarri zaio inon baino kafe edo te hobea hartzea Agurainen!" Ardoa erosten dugunean, organo erreguladoreak mama gozoa elaboratu du halako moldez non guk ez baitugu ezer egin behar, botila ireki besterik. Teari dagokionez, geu gara organo erreguladorea: hiru gramo te, 150 cl ur bakoitzeko. Horiez gain, aldagai ditugu uraren tenperatura eta infusio denbora. Horra Juanjo Barquillaren lehenengo ikasgaia. Ez azkena, horratik! Tearen mundua engainuz betea dela esanez hasi zatzaizkit, hor zehar dabilen teak ez duela kalitaterik. Te onak kolorea behar du, gustua, aroma, gorputza, intentsitatea, sakontasuna… eta hori te onek baino ez dute. Hor zehar dabiltzan teek ez dituzte ezaugarri horiek guztiak orekaturik. Pentsatu ere ez! Kalitatean bertan, hiru puntu dituzu: ona, oso ona, eta bikaina. Ez dago te txarrik, gustu txarreko terik. Tea hartu eta ordu erdira edo berrogei minutura igarriko diozu haren kalitateari, tearen efektuak datozkizunean, haren antioxidanteak organismoan lanean hasten zaizkizunean; lasai, irribarrez hasten zarenean, erlaxatuta, baina, guztiarekin ere, hau eta hura egiteko gogoz. Horrek esan nahi du tearen propietateak egoki barneratu dituzula. Baina hori kalitatezko teek baino ez dute ematen. Harrigarria! Ez hain harrigarria ere! Hara, amak haurrari titia ematen diolarik, ama bera ongi elikaturik baldin badago, bularra emanez antigorputzak iraganaraziko dizkio haurrari. Teari dagokionez, berdin: ama-landarea baldin badugu, ongi kokatua baldin badago, gaitzik gabeko lurrean, ongi ureztatua, inausia, garbitua, intsektuetatik babestua… bada, landare hori guztiz ongi egongo da. Haren aihenak propietatez beterik egongo dira: kolorez, gustuz, aromaz... Non da propietatez beteriko te hori? Agurainen, menturaz? Hasteko, teak ph jakin bat behar du, azidotasun jakin bat, prezipitazioak, argi-ordu kopuru jakina, hezetasuna… Berotasuna, hezetasuna eta lur ona, horiexek dituzu te-landarearen egoera organolektiko perfektu baten oinarri. Horiek gabe, te ona izan genezake, baina te bikainik ez. Agurainen, diozu… Agurainen ezingo genuke gisako terik izan: ez dugu garaierarik –nahiz eta latitude itxuroso batean garen–, hotz handia, argi-ordu gutxi, gehiegizko ura… Dena dela, hor ere gorabeherak dira: Irunberriko Josenea elkartekoek, esaterako, tea ateratzea lortu dute, te ona. Hala ere, nekez lortu ahal izango dute te bikainik. Europan, esaterako, tea era naturalean inon haztekotan, Azoreetan baino ez genuke modurik izango. Gainerakoan, tropiko aldera behar duzu nahitaez: Asia, India… Te bikainik ez gurean, te sommelier aitortua bai, Agurainen. Profesionala izatea gustatzen zait. Egiten dudana egiten dudala ere, gauzak ongi egiten saiatu izan naiz beti. Kafearen munduan sartu naiz, kokteleriarenean, gastronomiarenean, whiskiarenean… eta tearenean. Guztietan ere nire lana ongi egiten saiatu naiz. 28 urte daramatzat ostalaritzan, eta batean eta bestean ikasitakoa gaur egun baliagarri zait han eta hemen prestakuntza ikastaroak emateko, nola te denda zabaldu nahi duen jendeari, hala coffee & tea dendak ireki nahi dituenari. Tearen industrietatik ere deitu izan naute prestakuntza ikastaroak zuzentzeko, baita kafe saltzaileek ere. Hortaz, nirea ez da, besterik gabe, te master-eskolak ematea, baita te kokteleria edo te hotzak egiten erakustea ere. Oso mundu dibertsoa du teak. Agurainera etorririk, patataren historia esperoko nuke, laborantzaren iraganaz eta orainaz mintzatzea, ez tearen gainean jardutea. Askok galdetu izan didate: "Zer ari haiz hi Agurainen?". Jakina, haiek Madril, Bartzelona, Londres… dituzte buruan, baina ni zorionaren bila nabil, ez ospearen, ez diruaren atzetik, eta hementxe naiz zoriontsu. Zorionaren bila nabil, tearen bidetik. Gustatu ere egiten zait tea, jakina. Gure tabernan, Jai Alain, te onak ebaluatzea dagokigunean, dastatu bat, eta esan izan dugu: "Heldu da tea!". Te ona hartzen ari zarenean, heltzen da une bat non zoriontsu zauden, irribarretsu, eta hori te onek besterik ez dute. Nola heldu zinen tearen mundura? Bidaien bitartez. Beti izan naiz oso abenturazalea. Marokon egin nuen lehenengo kontaktua tearekin. Marokok ikaragarri edaten du tea, nahiz eta profesionalki edo etikoki gaizki egiten duten tea, ura hiru aldiz irakiten baitute –eta hori ez da tearentzako ona–, azukrea ere pila botatzen diote –eta hori ez da osasungarria–, Vietnamgo tea errezibitzen dute –Afrikan ez dago pestizida kontrolik eta, beraz, zernahi tek du sarrera–. Hargatik erosi ohi da tea merke Marokon; merke, baina zeharo kutsatua. Marokora joan, inoren etxera sartu eta, lehenengo gauza, tea eskainiko dizute. Hango tabernetan ere, tea duzu freskagarri. Udan, te morunoa hartuko dizute –hots, te berdea, mendarekin–, gorputza hozten baitizu, ahoa irekiarazten… Neguan, aldiz, te berdea sibarekin, absentarekin, hartuko dizute, epelgarri baituzu. Erritual hutsa da Marokokoa: familian zaudelarik, gizonak prestatu ohi du tea; hura etxean ez baldin bada, andreak; eta, osterantzean, etxeko seme nagusiak. Horrela eratuta dago. Maroko izan zenuen tearen leiho. Nora jo zenuen harrezkero? Maroko eta gero, hamaika herrialde ibili ditut tearen arrastoan: Bielorrusia, Amsterdam, Alemania, Portugal, Brasil, Mexiko, Bahamak, Thailandia… Noranahi joanik ere, ostatu batean zein bestean nengoela, tea eskatzen nuen, tearen mundua gustatu zaidalako beti. Gainera, saltegietara joan eta tea erosten nuen. Baina orduan ez nuen tearen gaineko jakituriarik, eta poltsatxoetan erosten nuen. Harik eta konturatu nintzen arte. Halakoren batean, gehiago jakin nahi izan nuen, eta internetera jo nuen. Hantxe informazio guztia. Ez, bada! Atari guztietan ere informazio bera ageri zen. Kopiatua edo errepikatua, beti bat eta bera esaten zuten. Edo esaten zutena ez zen egia. Blokeatuta sentitu nintzen, eta AEBetara joatea erabaki nuen, Kaliforniara, te sommelier titulua ateratzeko espainolezko lehenengo master-eskolara. Astebete egin nuen han International Tea Master-en, eta zortzi hilabeteko ikastaldi trinkoa Espainian. 9,6 izan zen nire kalifikazioa, 10 zelarik notarik handiena. Bejondeizula! Zergatik aukeratu zenuen tea? Ostalaritzatik nator, ostalaritzara noa, harako hark esango lukeenez. 17 urte nituenetik ez dut besterik egin, eta noranahi noala ere, beti saiatu naiz nire arloaz ikasten. 19 urte nituela, galdera egin neure buruari: "Zer izan nahi duk hik heure bizian? Zerbitzari, menturaz? Bada, zerbitzari izango bahaiz, onena izango haiz!". Eta bidaia bat egiten nuenero, eta kafetegi batera sartzen nintzenero, ona eta txarra ikusten saiatzen nintzen, biak, zeren eta txarretik ere eurrez ikasten baita; onetik bezainbat. Ostalaritzan egiten diren akats eta okerrak, esaterako –eta, egiatan, hamaika akats eta oker egiten da ostalaritzan–, ikasbide zaizkit: nire bezeroari okerrak ez transmititzen irakasten didate. Kafea hartzeko ohitura askoz zabalduago dago, hala ere. Tea hobetsi zenuen zuk. Hor ere badut oharra egin beharrik. Euskadiko barista txapelduna naiz, Espainiako hirugarrena. Ez larritu, barista hitzak "kafe munduan aditua" besterik ez du esan nahi. Kafearen munduan ere espezializatua naiz, alegia, aditua kafea elaboratzen, lantzen ari naizen kafearen jatorria ezagutzen, haren barietatea eta xigortze-puntua detektatzen… Bai, bai, kafe mundua ez zait arrotz. Txapelketara joan eta neure kafea defendatu ohi dut. Bestalde, kafe dastatze txapelketetan ere parte hartu ohi dut. Azkena, aurten bertan, Madrilen, Espainiako txapelketan, eta seigarren izan nintzen. Arabako txapelduna izan nintzen, hirugarrena txapelketa vasco-navarroan, laugarrena Espainiakoan beste behin… Inoiz ere ez naiz lehenengoa izan, lehenengoetatik ikastea gustatu izan zait beti. Atzean zaudelarik, lehenengoa ikusteko egokieran zaude. Lehenengoa norbera bada, bestek ikusiko zaitu. Te sommeliertzat zauzkate, guztiaren gainetik. Baina ez nuke titulu hori nahi. Ez nuke nahi inork ni honetan edo hartan bakarrik ikusterik, horrek lan handia, esfortzu sekulakoa eta dedikazio demasa eskatzen dituelako. Taberna dut Agurainen, baina horixe besterik ez da: taberna. Esan nezakeen delicatessen taberna dela, gastrobar bat, coffee-shop , kokteldegia… baina bezeroak hori ikusi eta exijitu egingo luke: kafe ona, te ona edo dena delakoa nahiko lituzke. Nik berriz, taberna izen hutsaren pean, horixe emango diot, produktu bat oso ona, bezeroa harritzeko eran. Hainbat turista etorri ohi da Agurainera, gurera heldu eta "taberna" besterik ez du ikusten kanpoan, ez coffee-shop , ez te, ez gastrobar… Sartzen delarik, eta te aukera alimaleko hori ikusten duelarik, edo eskaintzen diogun teari urrup egiten diolarik… "Uau! Zer da hau!", hots egiten du. Herri txiki batean –nola baita Agurain–, Madrilen edo Bartzelonan edo inon baino kafe edo te hobea hartzea, guztiz harrigarri zaio. Eta ondotik, ahoz ahoko komunikazioa hasten da, mezua lau kornerretara heltzen den arte: "Agurainen bada taberna bat non inoiz hartu dudan terik onena zerbitzatzen baitute!". Horrela egin dut nik bidea. Agurainera beharko dugu hemendik atzera! Orain artean supermerkatuan erosi izan dugu guk tea. Osasuna izan nahi baduzu, lehenengo-lehenengo, bota ezazu te hori zaborrontzira. Ingura ezazu te bat ona. Inor ez doa dendara iazko tomateak erostera, ezta? Badira, hala ere, horrelako tomateak: izoztuak dituzte, eta tomate sasoia delarik, ateratzen dituzte eta salgai jartzen. Jakina, tomate hori ez dago heldua, eta ez du gusturik. Hiru hilabete da aguaembrujada.com weba ireki nuenetik eta, bertan, kalitate txikiko teak, kalitate ertainekoak, eta kalitate bikainekoak ditut salgai, jendeak, duen diruaren eta te kulturaren arabera, aukera dezan. Bada esaera bat, txinatarra: "Onak ezagutu aurretik, txarrak ezagutu behar dira". Ez dago gaizki esana. Ez duzu etxean hogei te mota izan beharrik. Hiruzpalau izatea nahiko da. Animoaren arabera, te batera edo bestera joko duzu. Lasai zaudelarik, ez duzu kafeina dosi handiko terik hartzera joko: seguruenera, te zurira joko duzu. Aldiz, ekintza nahi duzularik, mugimendua, mendira joan, abentura… ezin hobea duzu te berdea, mineral eta antioxidante asko emango baitizkizu, kafeina emanez batera erlaxatu ere egingo baitzaitu.
news
argia-8ffdb4172bc4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/turismoak-gerrak-baino-kalte-handiagoa-egiten-dio-ondareari.html
Turismoak gerrak baino kalte handiagoa egiten dio ondareari
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-10-25
Turismoak gerrak baino kalte handiagoa egiten dio ondareari Gizon-emakume guztion kultur ondare diren 802 tokiak urtero aztertzen ditu UNESCOk, zer egoeratan dauden jakiteko. 1979tik 2013ra arteko txosten horiek aztertu dituzte, ondarearentzat kaltegarrienak diren elementuak identifikatzeko. Gatazkak faktore erabakigarria direla pentsatzekoa da, batez ere azkenaldian Palmira (argazkian) suntsitu izanaren berri  zabaldu denean. Baina txostenek oso bestelako ondorioa utzi dute agerian: Gerren eragina "hutsala" da beste faktore batzuekin alderatuta: erakundeen kudeaketa kaxkarra, kontrolik gabeko hirigintza garapena eta erabilera desegokia. Azken puntu horretan, turismoaren gehiegizko ustiatzea nabarmentzen da: 1980an turismoak toki horien %8ri eragin zien eta 2013an, berriz, %75i.
news
argia-b9e843e2c972
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/nobel-sarien-bitxikeriak.html
Nobel Sarien bitxikeriak
Joxerra Aizpurua
2015-10-25
Nobel Sarien bitxikeriak Urriko lehen egunetan 2015eko Nobel saridunen berri izan genuen. 1901etik urtero ematen dira sariok, eta hainbeste urtetan historia harrigarri bat baino gehiago gertatu da haien inguruan. Lerro hauetan horietako batzuk aipatuko ditugu, den-denak Medikuntza Nobel Sariarekin lotutakoak. Werner Forssmann-ek 1956. urtean jaso zuen saria, gorputzeko zainetan erabiltzeko moduko kateterra garatzeagatik. Probetan, Forssmanek ez zuen animaliarik erabili, bere gorputza baizik; esku bateko zainean kateterra sartu eta bihotzeraino eraman zuen. 1949an Antonio Egas Moniz izan zen saritua, gaixotasun mentalak zituztenengan lobotomiaren eragina frogatzeagatik. Begi-globoaren gainetik espatula sartzen zuen garuna ukitu arte, eta behin hori eginda, behar zen puska mozten zuen. 1929an Christiaan Eijkman Jakartara bidali zuten beri-beri gaitzaren nondik norakoak aztertzeko. Eijkman ohartu zen arroz zuria jaten zuten oiloek gizaki gaixoen sintoma berdinak garatzen zituztela, eta aldiz, azaldun arroza jaten zutenak osasuntsu zeudela. Pertsonei dieta bera ezarri, eta akabo arazoa. Alexander Fleming oporretara joan zen bakterioak zituen kutxatxo bat ixtea ahaztuta. Itzulitakoan ikusi zuen estafilokokoak gero eta gutxiago zirela, toxina arraro baten eraginez. Nahi gabe penizilina topatu zuen horrela, eta saria jaso zuen 1945ean. Selman Waksman ikerlariaren laguntzailea zen Albert Shatz-ek estreptomizina antibiotikoa aurkitu zuen, baina bere nagusiak ez zuen aipatu ere egin eta ohore osoa bere gain hartu zuen. Saria eman zioten 1952. urtean. Ausardiak, zorteak edo, gordin esanda, lapurretak Nobel sari bat eman dezaketela erakusten dute adibideok. Ba ote horrelakorik gaur egun? Ez dugu guk ezetz esango.
news
argia-6dad15ed190c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/baratze-bat-nahi-dizut-egin-siria-setiatu-honetan.html
Baratze bat nahi dizut egin Siria setiatu honetan
Pello Zubiria Kamino
2015-10-25
Baratze bat nahi dizut egin Siria setiatu honetan Gosea ere bada gerrarako arma. Sirian, Bashar al-Assaden errepresio basatia batetik eta haren kontrako klase askotako gerlarien bortizkeria bestetik, setioaren erdian bizirauteko baratze batek zenbat balio dezakeen ikasi du siriar askok. Europatik baratzezainek haziak bidaltzen dizkiete, nekazaritzaren sehaska izandako Sirian falta direlako. Tomas Alcoverro kazetariak,  Ekialde Hurbiletik kronikarik mamitsuenak bidaltzen dituenak,  idatzi du: "Siriako gerra bere izugarrikeria guztiekin ateak itxian ari da gertatzen. (...) Urte odoltsuak pasa behar izan dute pixkanaka azaltzen hasi arte zein konplexua den gerra hau, Siria eta Ekialde Hurbilarentzako hil ala bizikoa, Daesh edo Estatu Islamiarraren indar militar eta ideologikoa dela medio nazioartean ondorio mehatxugarriak dakartzana". Gerrarik gupidagabeena sufritzen ari diren siriarrei Europatik guk zertan lagundu, triskantzatik ihesi datozenei ongi etorria egiteaz edo errefuxiatu zelaietan ari diren GKEei dirua emateaz landa? Setiopean dirautenei haziak bidaltzen saiatzen dira nekazari eta ekintzaile batzuk. Reporterre hedabidean  kontatu dute Zoe eta Ferdinand Beau neba-arreben elkartasun ahalegina, " Graines et Cinema " deitua. Herriz herri doaz beren dokumental bat erakutsiz eta hurbiltzen zaizkien baserritar zein kaletarrei eskatuz barazkien haziak Siriara bidaltzeko. 2014an sei hilabete eman zuten Beirut ondoko Chatilla errefuxiatu gunean. Israelen babesean falangista libanoarrek bertan babestutako palestinarrekin egin masakreagatik munduan famatua den Chatillan gaur egun palestinar gutxiren ondoan siriar iheslari asko bizi dira.   Chatillako eraikinen teilatuetan aritu ziren Zoe eta Ferdinand hiri baratzeak antolatzen eta bertan aterpetuek kontaturik ohartu ziren Sirian zein latza den gaur hazirik eskuratu ezina. Europara itzulita, Beau neba-arrebek Frantziako hegoaldeko 17 departamendu korritu dituzte beren kamionetarekin hitzaldiak emanez. Confederation Paysanne sindikatuak –ELB euskalduna barne daukanak– eta Semences Paysannes hazi elkarteak lagundu diete. Ehunka kilo batu dituzte orain artean eta ametsa lukete Frantziako hazigileen eta Siriako baratzezainen artean elkartasun sare bat finkatzea. Siriako hiri suntsituetan nozitzen den hazirik ezaz europarrak lehenbizikoz 15th Garden elkarteak ohartarazi zituen gerra eremuetatik 2013an. Lehenbiziko erantzunak Alemaniatik eta Greziatik jaso zituzten. Siria izan baitzen Neolitoan nekazaritza sortu zeneko gune nagusia, bertako hazien balio genetikoa asko nabarmendu da prentsan. Alepoko hazi altxorra deseginik, nazioartean deiak entzun dira hango hazien kopiak ongi zaindu daitezen. Norvegian Svalbardeko biltegiak direnetik berreskuratu eta kopiatu beharra ere aipatu da. Beau anai-arrebak, ordea, herritarren goseak ditu kezkatzen. Neurri batean bederen ase ahal izateko, historian gerra guztietan gertatu den moduan, erresistentziako baratze txikiak lantzen dituzte. Baina hazi egokiak behar dituzte, multinazionalen hibridoak baino hobe munduan zehar nekazariek zaindutako hazi zahar indartsuak. Bildutako haziak Libano eta Turkian barrena pasarazten dituzte Beautarrek, batzuetan bidaiariek eramanik, sarritan iheslarien eta kontrabandisten bidez. Zoek kazetariari esan dionez,  "inportantea da hemengo jendeari erakustea gerra eremuetan bizirauten dutenak irudimenez ari direla ahalegintzen eta gatazka honetaz mintzatu gaitezkeela geopolitikarenak eta tragediazkoak ez diren bestelako neurrietan". Gosetea, gerrako iskilu  "Damaskoko Yarmouk auzune desesperatuan barazkiak haztea hil ala biziko kontua da" idatzi du maiatzean Annia Ciezadlok Al Jazeeraren webgunean " A garden grows amid the daily dangers of a siege in Syria " titulua daraman kronikan. Ciezadlok kontatu duenez, apirilean auzunea beren kontrolpean hartu zutenean Daesh Estatu Islamiarrak eta Al Nusra fronteak,  mendean hartu zituzten aurreko bi urteetan Bashar Al-Assaden armadak setiaturik edukitako zibilak.  18.000 jende 2012ko abendutik eraikin birrinduetan artean bizitzen, gehienetan argindarrik eta gasolinarik gabe, 2014tik iturriko ura etenda. Azkenean apaiz musulman batek baimendu zien harrapatutako asto, katu eta zakurrak jatea. Iheslari palestinarrentzako antolatutako auzunean urteotan gerrak etxetik kanpo ihes arazitako siriarrak pilatzen dira: "Setiaturik, lehenik erregimenak eta orain matxinoek, Yarmoukeko zibil ahaztuek borrokatu behar izan dute gosea den arma mediebalaren kontra erabiliz umorea, kreatibitatea eta oinezko herritarren erresistentziazko azken estrategia: baratzeak". 2011ko martxoan hasirik Al-Assaden kontrako matxinada, berehala agertu ziren lehen errefuxiatuak Yarmoukera. Auzoan indarra hartu zuten Siriako Armada Libreko gerrillariek eta borrokan hasi gobernuaren militarren kontra. Al-Assaden MIG hegazkinek bonbardatu zuten auzoa eta setioa ezarri. Soldaduek kontrolez ixten zuten eta dute auzunea. Hasieran egun pare baterako, gero lau egun edo aste beterako. Ezin pasa kilo bat janari baino gehiago. 2013ko uztailaren 21ean armadak erabat blokatu zuen Yarmouk. Lehenbiziko negu hartan goseak hildako jendea ere izan zen. 2014ko negurako, ordea, auzotarrek eskarmentua hartu eta barazkiak lantzeari ekina zioten. Herri mugimendu sare aberatsaren jabe izana den Yarmouken, boluntario taldeak lugintzan hasi ziren. Kaletarrak izaki, baserrietatik  gerrak eta lehorteak ekarri miseriari ihesi iritsitakoekin ikasi behar izan dute. Hazi eta landare aukerarik gabe, lehenbizikoetan kale egiten zuten. Edo inguruko gosetiek ebasten zieten uzta heldu aurretik. Gehi armadako frankotiratzaileek erasotzen terrazetan eginez gero baratzeak. Engoitik ikasi dute ortu txikiak lantzen karrika bazterretan, bonbek lehertutako eraikinetan, patioetan... 2015eko apirilean Daesh Estatu Islamiarrak hartu du Yarmouken kontrola. Aurretik gogor borrokatu zituen Hamasen inguruko miliziak, hauek aldi berean Bashar Al-Assaden kontra ere gerran ari zirela. Gudu nahasi horretatik ihesi alde egin dute 4.000 jendek auzunetik. Armadak bezala islamistek hil dituzte auzoko mugimendu herritarren liderrak. Damaskoko gobernuak gerrako armatzat erabili du herritarrak barne dituela hiri osoak blokatu eta elikadurarik gabe uztea. Gauza bera egin dute beste aldetik Estatu Islamikoak eta Al Nusrak. Baina  gosea siriarrentzako ez da setiopean bizi direnen afera soilik. Lehorteak estreina eta gerrak gero, Siriari elikadura sarea suntsitu diote. Hiri masakratuetan bezala errefuxiatuen kanpalekuetan baratze txiki bakoitza da bizirauteko esperantza bat. n
news
argia-a8a48793004c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/eboluzioaren-teoria-darwin-baino-500-urte-lehenago.html
Eboluzioaren teoria Darwin baino 500 urte lehenago
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-10-25
Eboluzioaren teoria Darwin baino 500 urte lehenago Tunis, 1332ko maiatzaren 27a. Ibn Khaldun historialari eta filosofoa jaio zen Al Andaluseko familia izandun baten baitan. Soziologia, historiografia, demografia eta ekonomia modernoaren sortzaileetakotzat jotzen da, nagusiki 1377ko Muqaddimah liburuan egindako ekarpenengatik. Muqaddimah hitzak "sarrera" edo "hitzaurrea" esan nahi du arabieraz eta, berez, Kitābu l-ʻibar (Ikasgaien liburua) munduko historiari buruzko lanaren hitzaurrea izateko sortu zuen egileak. Baina Ibn Khaldun bera bizirik zen artean ere gainerako sei liburukien artean nabarmendu  zen, lan independentea bailitzan. Muqaddimah horretan Khaldun historia unibertsalaren nolabaiteko ikuspegia ematen lehenetarikoa izan zen. Gatazka sozialaren teoria sortu zuen eta gizartea aztertzeko zientzia baten premia aldarrikatu. Ekonomian "mantenu" eta "etekin" kontzeptuak bereizi zituen, besteak beste. Eta darwinismoaren aitatzat –edo herenaitonatzat– jotzen da, Darwin bera jaio baino ehunka urte lehenago idatzitakoengatik. "Ondoren, kreazioaren munduari erreparatu beharko genioke. Mineralekin hasi zen, eta  modu asmotsuan, mailaz maila, landare eta animalietaraino egin zuen aurrera. Mineralen azken fasea landareen lehen fasearekin lotuta dago, hala nola belarrekin eta hazirik gabeko landareekin. Landareen azken faseko aleak, esaterako, palmondoak eta mahatsondoak, animalien lehen fasearekin konektatuta daude, hau da, ukitzeko ahalmena besterik ez duten barakuilu eta oskoldunekin. Sortutako izaki horiei dagokienez, 'lotura' hitzak esan nahi du talde bakoitzeko azken fasea erabat prest dagoela hurrengo taldeko lehen fasea izateko". Eta hurrengo paragrafoan are nabarmenagoak dira espezieen eboluzioaren teoriaren zantzuak. "Orduan, animalien mundua zabaldu zen, espezieak ugaritu ziren, eta mailakako kreazio prozesua, azkenean, pentsatzeko eta hausnartzeko gai den gizakiraino iritsi zen. Gizakiaren fasea tximinoen mundutik dator; tximinoetan zolitasuna eta pertzepzioa aurki daitezke, baina benetako hausnarketaren eta pentsatzearen fasera iritsi gabe. Une horretan gizakiaren lehen fasean sartzen gara". 482 urte geroago, Charles Darwinek Espezieen jatorria: hautespen naturalaren bidez lan "berritzailea" idatzi zuen.
news
argia-eba8adcfbddf
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/emakumeak-telesail-nordikoetan.html
Emakumeak telesail nordikoetan
Gaizka Izagirre
2015-10-25
Emakumeak telesail nordikoetan New Yorkeko Film Akademiak Genero berdintasunik eza zineman izenburuko txostenean 2007tik 2012ra bitartean diru gehien bildu duten Hollywoodeko 500 filmetan oinarrituta, emakumezko rolak aztertu zituen zinemaren barruan orain hilabete batzuk. Bertan irakur daiteke testua duten rol guztien %30,8 besterik ez direla emakumeentzat eta horien artean, %15 baino ez direla protagonistak. Ameriketako pantaila txikira salto eginez gero, panorama apur bat aldatzen da, 2013-2014ko datuen arabera, prime time barruan azaltzen diren pertsonaien %42 emakumezkoak baitira, baina portzentaje eskasak eta lotsagarriak dira oraindik ere. Geroz eta telesail biribilagoak esportatzen ari diren Europa iparraldeko hotzera salto eginez, datu horiek nabarmen aldatzen dira. Nordic noir deituriko thriller ilunak, naturarekin erlazionaturiko suspensezko istorioak eta bertako politika hankaz gora jartzeko gai diren ekoizpenak: gehienek, bi euskarri nagusitan oinarritzen dituzte euren tramak. Alde batetik, gizarte kritika ziztatzailea; eta bestetik, pertsonaia sakonez osaturiko gidoiak. Kasu gehienetan pertsonaia horiek emakumeak izaten dira. Indar handikoak, erabakitzaileak eta ausartak. Ezinezkoa da telesail hauek ulertzea haiek gabe. Imajinatzen al duzue, Ameriketako hiru telesail garrantzitsuenen protagonistak emakumeak izango balira? Niri kosta egiten zait. Baina, Urrezko triunbiratu nordikoa osatzen duten telesailetan hala gertatzen da.  Fenomeno honen aitzindari izan zen Forbrydelsen bikaina. Irudikatu Sergio Leoneren filmetan azaltzen zen Clint Estwood hori, Danimarkan jaioa, emakumea eta komisaldegian lanean. Ba horrelakoa da Sarah Lund detektibea. Zalantzarik gabe, telebistak azken urteetan eman duen pertsonaia sakon eta konplexuenetarikoa. Ekoizleek ordura arte erakusten zen emakume tradizionalaren irudia hausteko intentzioarekin sortu zuten. Lund ausarta eta nekaezina da, baina batez ere, bere itxuraz eta sexualitateaz kezkatzen ez den emakumea. Sofie Gråbøl aktorea sormen prozesu horren parte izan zen eta hainbat eztabaida izan zituen Søren Sveistrup gidoilariarekin. Bere ikuspuntua ezinbestekoa izan zen Lunden hazpegiak definitzeko. Iraganeko misterioa mantentzetik arroparen aukeraketaraino, bereziki azpimarragarria da inguratzen duen ororekin daukan isolamendu emozionala. Beste ezinbesteko pertsonaia, Bron/broen suediar-danimarkar ekoizpenean aurki dezakegu. Gizarte kritika burutsua eta erritmoz beteriko atalak ditu euskarri telesail honek. Baina Saga Noren pertsonaia zoragarriarengatik izango ez balitz, paperezko zimenduekin eraikia legoke. Emakume bitxia, bakartia eta Asperger sindromearen eraginez besteekin erlazionatzeko arazo larriak dituena. Maiz ikusi dugu sindrome hori telebistan, baina beti gizonezkoengan: Sheldon Cooper, Dexter Morgan, Monk, Sherlock edo House (gradu desberdinetan noski). Telesailak hasieratik pertsonaiaren garapenarekin jolasten du, arazo pertsonalak gainditzen doan heinean profesionalki kasua aurrera eramanez. Pertsonaia eraikitzerako orduan, Homeland telesailetik hainbeste gustatzen zaigun Carrie Mathisonekin antzekotasun ugari dauzkala ohartuko zarete.  Triunbiratu horren azkena, baina nolanahi ezinbestekoa, Borgen telesaileko Birgitte Nyborg dugu. Telebistak eman duen lehen emakumezko presidenteetariko bat. Nabarmentzekoa egiten du bere pertsonaiaren gizatiartze prozesuak. Zuzenean sartzen gaitu bere familiaren eremu pribatuan. Politikariaren irudi hotz eta eskuraezina guztiz suntsituz, pertsona normal eta arrunt baten mailan jartzen du. Politikaren lehen lerrora iritsita, hainbat momentutan eskuetatik alde egingo dion eboluzio pertsonala eta profesionala bizi beharko du. Emakumearen irudi eta eginkizunak oso modu interesgarrian aurkezten ditu telesail honek, topikoak eraitsiz eta estereotipoetara jo gabe. Ez pentsa, dena den, pozteko moduko argudioak ditugunik. Positiboa da, noski, Europa iparraldean egiten ari direna. Baina, emakumeen presentzia azaleratze hutsagatik poztu behar al dugu? Portzentaje horiek gora doazen heinean dena egina al dago? Jakina ezetz. Mota honetako artikuluak idazteko beharrik ez dagoenean, orduan egongo da zer ospatu. Salbuespen dena, ohiko bihurtzen denean. Eta batez ere, urte askoan matxista izan den industrian gizon eta emakumeen arteko desberdintasun faltsu guztiak betiko suntsitzen ditugunean.
news
argia-9dbbf185b0ad
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2480/galtzagorri-elkarteak-25-urte.html
Irakurle harrobia zaintzen
Itziar Ugarte Irizar
2015-10-25
Irakurle harrobia zaintzen Bizitzako lehen urteetan literaturara hurbiltzen denak, zaletasunean harrapatuta geratzeko aukerak ditu. Aitzitik, badirudi gazteenentzako literatura sarri bigarren lerroan kokatzen dela. Horri aurre egiten, 25 urte bete ditu Galtzagorri euskarazko haur eta gazte literaturaren elkarteak. Euskarazko haur eta gazte literatura ahotan hartzekotan ezinbestez aipatzeko elkartea da Galtzagorri. 25 urteko ibilbidean arlo anitzetako sortzaileen topagune izan da, hasieratik finkatutako xedeak ipar hartuta: euskarazko haur eta gazte literatura ezagutaraztea eta hauen irakurzaletasuna bultzatzea.  Iñaki Markotegi elkarteko lehendakariaren esanetan, inoizko eskaintzarik zabalena dago, baina ezagutzan eta sortzaile eta irakurleen arteko zubi lanean bada egitekorik. "Ez da ahaztu behar haur eta gazteen irakurle harrobiaz ari garela, bidea erakutsi eta motibatu egin behar dira", adierazi du. Esku bete lan Areto literarioak, irakurketa mintegiak eta irakurzaletasuna sustatzeko ikastaroak antolatuz hasi zuen bidea elkarteak. Azken hauen artean zenbait egitasmo egonkortu eta 2000. urtetik aitzina jardunaren ardatz bihurtu dira: tartean, Liburu Gaztea –DBHko ikasleentzako literatur lehiaketa– Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak –Haur eta Lehen Hezkuntzarako liburu mailegu zerbitzua– eta Bularretik Mintzora –0-6 urte artekoen irakurzaletasuna bultzatzeko proiektua; guraso, hezitzaile eta irakasleak formatzeaz arduratzen dena–. Teknologia berrietara gerturatuz, Anjel Lertxundiren Maria Goikoak batbirulau! liburuaren aplikazioa sortu zuten iaz sakelako telefonorako.  Bestelako zeregin bat ere hartzen du bere gain Galtzagorrik: atzerriko lehiaketetarako euskal idazle, ilustratzaile zein itzultzaileak proposatzen ditu. Espainiako Estatuko OEPLI erakundean euskal ordezkaritza bermatu, eta nazioarteko IBBY erakundearen Ohorezko Zerrendarako eta Andersen sarietarako hautagaiak izendatzen ditu. Hain zuzen, Galtzagorrik proposatuta, elkartearen inguruan urteak lanean daramatzan Elena Odriozola ilustratzaileak irabazi du aurtengo Espainiako Ilustrazio Saria. Hau gutxi balitz, urtean bitan Behinola plazaratzen du Galtzagorrik, haur eta gazte literaturari buruz euskaraz argitaratzen den aldizkari bakarra.  Bitartekarien garrantzia Haur literaturari hainbeste kalitate exijitu ez izanaren eztabaida ezaguna da sektoreko eragileen artean, irizpide komertzialen nagusitasuna tarteko. Aitzitik, Markotegik dio kalitatezko liburu asko egon badaudela, bitartekaritza lana behar dela horiek irakurleengana iristeko. "Guraso edo irakasleen inplikazioa behar da, haurrek bakarrik ezin baitute jakin".  Bestetik, idazle gazteen gabezia sumatzen dute elkartean: "Azken boladan haur eta gazte literatura landuko duen idazle gazteen belaunaldi falta ikusten dugu. Ez ordea, ilustratzaileetan". Horrekin bat etorri da Yolanda Arrieta, baina egile trebeak izan arren, bertan sorturiko oso album ilustratu gutxi argitaratzen dela zehaztu du: "Liburuak ekosistema baten barruan mugitzen dira eta ekosistema hori hankamotz dago", bere ustez.  Izan ere, euskal idazleek, oro har, 6-12 urte bitartekoei zuzendutako liburuak idazten dituzte, 0-6 urte artekoentzat eta 12tik gorakoentzat, aldiz, ezer gutxi. Kausa posibleez galdetuta, argitaletxeen bezero nagusi diren eskolek, tarte horretako liburuak erraz kokatzen dituztela erantzun du Arrietak. Idazle batentzat 0-6 arteko umeentzako literatura sortzea "lan zoragarria" izan daitekeela dio; egun baina, haur txikienentzat, oro har, itzulpena baino ez dago. "Kalitate handikoak", Markotegiren ustetan. "Era berean, haur txikientzako poesiarik ez da inon lantzen, ez eskolan, ez Irakasle Eskoletan", dio Etxebarriko idazleak. Bigarren gabeziari buruz, 12 urtetik gorako gazte literaturan, kanpoko beste faktore batzuei aurre egin behar zaiela gehitu du: gazteen ohiturak eta euskara, beste hizkuntzetako produktuen erakargarritasuna, bitartekari sutsurik eza eta hezkuntza arautuan literaturak duen tarte hutsala, kasu.  Eskoletan irakurleak galtzen? Zaletasuna bultzatzeko, literatura gozamenarekin lotu behar da eta horretan eskolek huts egiten dute Markotegirentzat. Bere hitzetan, "haur hezkuntzan ongi pasatzeak eta emozioak aintzat hartzeak leku gehiago du, baina adinean aurrera joan ahala, plazerarekin lotutako irakurketa gutxitu eta helburu akademikoekin lotzen da". Irakurketak isiltasuna eta hausnarketaren gisakoak behar dituela aipatu du Arrietak, baina ez direla "ezaugarri modakoenak". Irakasleen formazioan ere mota honetako literatura gehiago landu beharko litzatekeenaren ustekoak dira biak. Ildo beretik, erakunde publikoek irakurketa plan bat osatzeko asmoari heltzea ondo legokeela erran du Galtzagorriko lehendakariak.
news
argia-d644c6a6a753
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/neguari-beldurraren-koloreak.html
Neguari beldurraren koloreak
Jakoba Errekondo
2017-11-12
Neguari beldurraren koloreak Gure egutegia udazkenean sartu da, baina zuhaitzena eta gainerako landareena sartu-ez sartu dabil. Gehienak aurtengoan beranduxeago dabiltza. Landareen aurtengo zalantza horrek bizigarria eransten dio urteko espektakulu handienetako bati. Luzeagoa izango da kolore festa. Landareak erabaki zehatza hartu behar du: negurako prestamenak noiz abiatu, alegia. Bere burua nola sumatzen duen, egun batean edo bestean gertatuko da hori. Argi kopuruaren jaitsierak eragingo dio, batez ere. Horregatik, landare denak ez ditugu batera soinekoz aldatzen ikusiko, ezta espezie berekoak badira ere. Bakoitzaren erabakia da. Erabaki horrek izugarrizko aldaketa saldoa ekarriko du. Ez du gehiago klorofilarik sortuko, hau da, landarea berde egiten duen gaia; eta hostoetan daukana eraitsi eta bere osagaiak jaso eta ondo gordeko ditu, neguari beldur gordekinak gizenduz. Hostoetan berdearen soinekopean ezkutatuta dauden beste pigmentu eta osagai batzuk azaltzen dira orduan, udazkeneko kolore berriak erakutsiko dizkigutenak. Kolore hori eta laranjak karotenoek eta flabonoideek dakartzate. Gorriak, aldiz, antozianinen lana dira. Horiek sortu egin behar ditu landareak; ez daude hostoetan, eta, beraz, "garestiagoak" dira. Zientzialarien aspaldiko enigma da nola Europan zuhaitzek batez ere hori koloreetara jotzen duten eta nola Ipar Amerikan eta Asian gorrietarako joera duten. Agidanean, gorrirako joera duten zuhaitzek izerdi bila erasotzen dieten zorriei abixua ematen diete: antozianina toxikoak sortu ditut eta jakiak erreserbetara mugitzen ari naiz, beraz zuretzat jaki gutxi eta arriskutsua dut. Besteetan ez bezala, Europan, mendikateak ekialde-mendebalde lerrokatuta daudenez, glaziazio garaietan, hotzari ihes egiteko hegoalderanzko bidean mendiak igaro ezinik landare asko hil egingo ziren, eta baita haien arerioak ere. Gero zuhaitzek kontinentea birpopulatu zutenean areriorik ez eta gorritu beharrik ez... Ba ote?
news
argia-d55861f49c23
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/euskadi-sariak-hamar-urtez-linboan.html
Euskadi Sariak: hamar urtez linboan
Gorka Bereziartua Mitxelena
2017-11-12
Euskadi Sariak: hamar urtez linboan Saridunak ezagutzera eman baino lehen izan dira albiste Euskadi Sariak aurten, zenbait idazlek parte hartzeari uko egin diotelako. Aurreko esaldia ezaguna egiten bazaizu, normala da. 2007tik Eusko Jaurlaritzak urteko literatur uztatik ale batzuk nabarmentzeko ematen dituen sariak zalantzan daude, zenbait idazlek ez diolako sinesgarritasunik aitortzen. Hamarkada oso bat pasa ondoren egoera zertan den jaso dugu. Haustura baten eszena, lehen planoa: 2007ko otsailaren 16an idazle talde batek Donostiako Boulevardean adierazi du aurrerantzean ez dutela nahi beren lanak kontuan hartzerik Euskadi Literatura Sarietan. "Sarion helburua, funtsean, egungo aginteari otzana zaion jardun intelektual eta literario bat sortzea ez ote den hasiak gara sumatzen", dio kazetarien aurrean irakurri duten "Utikan Euskadi Sariak" manifestuak. Salatu dituzte sariak hautatzean izandako irregulartasunak; adierazi dute literatur sistema kudeatzen duen teknikari, kritikari eta epaimahaikideek ontzat ematen dituztela horrelako jokabideak; eta ondorioztatu dute, "Euskadi Sariek literaturaren kontzeptu murritz bat hedatzen" laguntzen dutela. 30 idazle baino gehiagoren babesa dauka testuak. Jaurlaritzak ematen dituen sari literarioen historia hein batean baldintzatuta geratuko da ordutik: hamar urte pasa dira, baina aurten bertan, Boulevardeko agerraldian ziren hiru idazlek, finalisten artean zeudela jakitean, uko egin dute publikoki –Josu Landak, Oier Guillanek eta Koldo Izagirrek–. Kinieletan agertzen ez zen idazle bati eman diote euskarazko literaturari dagokion saria, manifestu haren sinatzaileen artean zegoen Asier Serranori, Linbotarrak poema liburuarengatik. Jon Alonso: "Utikan manifestua izenpetu genuen gehienon jarrera bere horretan dago" Ukoen zerrenda luzea da azken hamarkadan. Flash batzuk: 2008an Eider Rodriguezek, Uxue Alberdik eta Koldo Izagirrek esan zuten ezetz finalista zirela jakitean; 2009an Iñigo Aranbarrik; eta hor dago 2015ekoa ere: Su zelaiak nobelarengatik jaso zuen saria errefusatu zuen Mikel Peruarenak. Izan da hasieran parte hartzeari ezezkoa eman eta handik urte batzuetara jarreraz aldatu duenik. Eta bada orduko posturari are irmoago eusten dionik ere. "Iritzi berekoa naizela esatea gutxi da", dio Jon Alonsok, zeinaren artikulu bat jo daitekeen "Utikan" manifestuaren aurrekaritzat. 2007ko ARGIAren Euskal Kulturaren Urtekarian publikatu zuen , kontatuz, besteak beste, Euskadi Sarietako epaimahaikide izan zen aldi batean, finalistak erabakitzerako orduan, Jaurlaritzako Kultura Saileko funtzionario batek nola manipulatu zituen botoak bere begien aurrean. "Hain zabarki eta lotsagabeki egindako tranpa baten aurrean isildu izan banintz, ez niokeen nire buruari sekula barkatuko", azaldu du. Hamar urte geroago, "Utikan"-ek eraginik izan ote zuen galdetuta, Alonsok baietz dio: "Izenpetu genuen gehienon jarrera bere hartan dagoela esango nuke". Manifestuarekin bat egin ondoren saria hartu duten idazleak badirela aitortu arren, horrek ez du galarazi, bere ustez, aldarrikatu zenaren inguruan "nukleo koskor bat" eratzen joatea eta "euskal komunitate literario kontziente eta aktiboena" jabetzea nukleo horren existentziaz. "Harro nago beren orduko jarrerari eutsi dioten idazle guztiez, eta haiei zordun eta aldi berean eskertua natzaie". Errebobinatu 2007ra. Apirilean zerbait gertatuko da: manifestua aurkeztu baino lehen banatutako azken Euskadi Sarietako epaimahaiburuak, Jon Kortazarrek, erabaki du Espainiako Kritikaren Saria Alonsori ematea narratiba arloan Erretzaileen eremua liburuagatik; eta Koldo Izagirreri poesiakoan, Rimmel -engatik. Bi idazleak "Utikan"-en sinatzaileak direla kontuan izanda, sutea itzaltzen saiatzeko keinua dirudi. Hauspoa emango dio: Izagirrek publikoki adieraziko du Kritika Sariari ere uko egiten diola eta gainera salatuko du "Euskadi Saria bera baino mekanismo ilunagoz" aukeratzen dela –momentu hartan Kortazar da irabazlea aukeratzeko dagoen epaimahai guztia–. Ezusteko notiziak ordura arte urtez urte errepikatzen zen zeremonia gutxi gorabehera errutinarioan: urte entretenigarria izango da kultura sailetan ari diren kazetarientzat. Auzitegi Nazionala epaimahai literario gisa Gernikako Arbolaren time-lapse bat, udazkenean hostoak erortzen, neguan elurtuta, udaberrian loretan eta udan eguzkitan; eta horrela buelta pare bat, 2009ra iritsi arte. Patxi Lópezek lehendakari makila hartuko du poesia errezitatuz, eta gobernu berriak erabakiko du Euskadi Sariekin zerbait diferentea egitea. Oinarriak aldatu eta aurrerantzean idazleek edo argitaletxeek aurkeztu beharko dituzte lanak baloratuak izan daitezen. Neurri hura hartu zen urteko produkzio osoa kudeatzea ezinezkotzat jo ondoren, orduko Kultura sailburu Blanca Urgellek esplikatu duenez: "Esperientzia positiboa izan zen, bai epaimahaientzat, baita saria kudeatu behar duten Jaurlaritzako langileentzat ere". Bere esanetan, erabakiak ez zuen zerikusirik izan "Utikan"-ekin, honek "aurreko gobernuetan izandako gorabeherak salatzen baitzituen eta ziur naiz 2007an gu ere ados egon gintezkeela manifestuak esaten zituen gauza batzuekin". Aldaketarekin administrazioak bere buruari aurreztu zizkion titular deseroso batzuk, tarte batez inork ez ziolako finalista izateari ezetzik esan, ez aurkeztearekin aski izanda. Blanca Urgell: "Bagenekien Sarrionandiaren sariak ekaitz itzela ekarriko zuela" Baina gutxi fidatu sari literario batez: espero ez duzunean hasten da kapitulu polemiko berri bat. Igo musika topera, 2011. urtea: Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? jo du epaimahaiak urteko saiakera onentzat. Baina Kultura Sailak erabakiko du sariaren parte ekonomikoa ez ematea, "saridunak justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean". Eta Espainiako Auzitegi Nazionalak adierazi arte Iurretako idazlearen kontra ez daukala ezer –esateko modu bat da–, ez zaizkio emango dagozkion 18.000 euroak. "Bagenekien ekaitz itzela ekarriko zuela, eta mugimendu horrekin Sarrionandia deabrutzat zutenen amorrua pitin bat ematzea lortu genuen, heroitzat zutenen amorrua ezinbestean pizten genuen bitartean", azaldu du Urgellek. "Okerrena zen familiaren mina berriztatzen ikustea hedabideetan izan zen alde bietako iskanbilagatik. Mundu anker batean bizi gara, betiere 'nirekin' edo 'nire kontra' kokatzeko agintzen dizun mundu batean". Erabaki horren atzean izan ziren presioez galdetuta, ziurtatu du ez zela "X jaunik" izan. Eta legegintzaldiko une hunkigarrienen artean dauka polemikaren ondoren Sarrionandiaren familia sari-banaketa ekitaldian izan zen unea. Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua), Asier Serrano (literatura alorreko irabazlea), Arantxa Urretabizkaia (saiakera alorreko Euskadi Sariaren irabazlea) eta Joxean Muñoz (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea). Argazkia: Irekia. Jokaldiaren errepikapena Egin dezagun trantsizio suabe bat, amaitu da legealdi hura, itzuli da EAJ Jaurlaritzara eta buelta lehengo eskemara. Norberak lanak aurkeztu ordez, argitaratutako guztia baloratuko da berriz 2012tik. Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak esplikatu duenez, "sari nazionala izatea" baita helburua; eta horretarako, produkzio osoa hartu behar da kontuan, bestela egiteak lehiaketa bihurtuko lukeelako. Joxean Muñoz: "Ez dut uste desadostasunak agerian egotea txarra denik, kultura ez bada debaterako eremua, gureak egin du" Baina berriz ere agertuko dira ukoak, sonatuena 2015eko Peruarenarena, sariari ezetz esatearekin batera literaturgintza sustatzeko bestelako neurriak proposatuz. Muñozek defendatu du sariak produkzio literarioari ikusgarritasuna emateko politikaren parte direla, baina ez alor horretan egiten diren bakarrak. Aurten, adibidez, gazte-literatura sustatzeko deialdi berria jarri du abian EAEko Gobernuak. Helduen literaturarekin antzeko zerbait egitea aztertu duten arren, deialdiak urtebeteko epe-muga izateak zaildu egiten du halakorik martxan jartzea bere esanetan: "Normalean nobela bat idazteko, Twist bat adibidez, urtebete ez da nahikoa, askoz denbora gehiago behar da". Idazleek uko egiten dutenean sortzen den egoeraz, Muñozek honakoa dio: "Fokua jartzen denean liburu batzuen gainean eta literaturaren gainean oro har, fokua jartzen da hor egon daitezkeen desadostasunen inguruan ere. Eta nik ez dut uste txarra denik dauden posizio horiek, desadostasun horiek eta kritika horiek agerian egotea. Kultura ez baldin bada debaterako eremua, gureak egin du". Idazle gehienek saria pozik hartzen dutela gaineratu du. Eta ez duela jaso kultur politikak diseinatzean mintzakide dituzten elkarteen aldetik sariak desegokitzat jotzen dituen mezurik. "Eragile batzuengandik bai –erantsi du– eta errespetuz hartzen dut, eskubide guztia daukatelako".  Kontua da, pelikulak segitzen duela, gutxi gorabehera, duela hamar urte zegoen bezala, errutinaren faktorea gehituz. Eskema batekin esplikatzeko, Euskadi Sarien ziklo berria da: 1) finalistak ezagutzea, 2) idazle batek edo batzuek uko egiten dutela adieraztea eta 3) urtearen arabera a) uko egin duen idazlea berdin-berdin saritzea edo b) beste bati ematea golardoa. Sorpresa gutxiko remake bat. Ez dago gidoi berririk, Jaurlaritzak horrela izango dela onartzen duenez eta parte hartu nahi ez duten idazleek ere bai, itxuraz –"ez zait interesatzen sariak eraberritzen edo hobetzen ahal diren edo ez. Ez da nire afera. Sariak literaturari buruzko kontzepzio jakin baten porrotaren irudia dira", dio Jon Alonsok–. "Hau da dena lagunok", esan beharko. Sartu amaiera-kredituak.
news
argia-ad50cddf40ac
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/itzuli-izan-balitz-zer.html
Itzuli izan balitz zer
Igor Estankona
2017-11-12
Itzuli izan balitz zer Martin Bidaurrek-eta gura izan zuten muntatu beste Lubaki Banda bat, baina lainoen zain geratu ziren gero. Martin Bidaurrentzat itsaso zikina da izara gris bat, Itzulera da poema liburu bat joan-etorrikoa, etengabe dabilena lehenaldira eginez etorkizuna barruntatu nahian. Uneka gogorarazi dit Peru Iparragirre (Okzitaniako Tolosa, 1996) eta haren kamera eta haren gelatinan errebelatutako argazki aldakorrak. Nostalgiarako adina justu-justu leukake Peru Iparragirrek, eta jada etorkizuna botako luke faltan liburu honetan. Baina estetikaren zentzu klasikoa dauka liburu honek era berean, Bordaxuri akordatu eragiten duena. Inoiz ez ditu esaten gauzak zehatzegi Martin Bidaur delako honek, eta agian horregatik lortzen du zorroztasun hain harrigarria: "Gaurtik aurrera ez dut/ sekula gehiago izanen etxerik/ motxila honetan ez dira/ gurasoak kabitzen/ haiekin zer egingo ote duten/ iluntzean naramate dagoeneko/ inora ez doan bidean behera". Itzulera erraz ulertzen den bere baitan bildutako misterio bat da. Itzulera den ihes eder horretan idazten du poetak hemen geratu gura duela. Barne gatazkak eta beldurrak, bizitza eta heriotzaren presentzia, dena da hemen ahaztura, gogoratzearen bidez: "Haur denboran/ eskola katolikoan/ ikaskide batek". Poema oinazetsu eta trankilen bidez pertsonala dena kontatzen du, eta hein berean kontatzen du mundua. Lirismo errealista biluzi hori, Parisi dedikaturiko zatian batez ere, azkenaldian irakurri dudan poesia ondratu, gordin eta ederrena da. Testimonioa uzten du haurrarena, nerabearena eta poesia sano heldu batekin gizonarena. Testimonioa, borrokarena eta ezinbestean aurretik eroan dituen gauzena. Irakurlea inarrosi ez, baina apurka-apurka daroa ezintasunen mundu batera, tokatu zaigunaren kontakizun etsira. Galeretan hil zirenen kontrara, Martin Bidaur errenditzen zaio bizitzari eta aurretik daukagun bideari. Azken ahapaldietan galdetzen dio bere buruari: "Behin eguzkitan erreta/ ba al dago itzaletara/ itzultzeko modurik// alderantzizko bideak/ eramango al nau/ inora". Galdera ikurrik behar ez duten galderez beterik dator Itzulera . Itzulera da liburu bat esperantzari idatzia ernegaziotik.
news
argia-2cc9b7ddf48b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/bost-metro-inguruko-garrantzia.html
Bost metro inguruko garrantzia
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-11-12
Bost metro inguruko garrantzia Turkiako Tayinat aztarnategian, Burdin Aroko Patina erresuma hititaren hiriburu Kunuluaren arrastoen artean, 3.000 urteko emakumezko estatua baten burua eta gorputz-enborra aurkitu dituzte. Osorik ez dagoen arren, eta antzinaroan desitxuratu zuten arren, basaltozko eskulturak lau edo bost metro zituen. Adituek ez dakite nor irudikatzen duen: Kubaba, antzinako Anatoliako jainkoen ama; Suppiluliuma erregearen emaztea; ala Kunuluaren fundatzaile Taitaren ama? Proiektuko zuzendari Timothy Harrisonen ustez, "estatuak argitu dezake Burdin Aroko lehen komunitateetan emakumeek pentsatu baino garrantzi politiko eta erlijioso handiagoa zutela".
news
argia-15bccbd24cf8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/euliak-lehen-astronautak.html
Euliak, lehen astronautak
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-11-12
Euliak, lehen astronautak Baikonur (Kazakhstan, SESB), 1957ko azaroaren 3a. Sputnik 2 ontzia espaziora jaurti zuten, Laika (errusieraz, "zaunkari") izeneko txakurra barruan zeramala. Beraz, 60 urte bete berri dira lehen izaki bizidunak Lurra orbitatu zuela. Baina horrek ez du esan nahi, pentsatu ohi den bezala, Laika espaziora iritsi zen lehen animalia izan zenik, ezta lehen ugaztuna ere. 1949ko ekainaren 14an AEBek Albert II izeneko tximinoa (zehazki, rhesus makakoa) bidali zuten lurrazaletik 134 kilometrora. AEBetako Aire Armadaren definizioaren arabera, espazioa lurrazaletik 80 kilometrora dago eta nazioarteko definizioaren arabera, 100era. Baina ez Laika ez Albert II ez ziren izan muga hori gizakiek behartuta gainditu zuten lehen animaliak. 1947ko otsailaren 20an White Sands Missile Range (Mexiko Berria, AEB) base militarrean V-2 suziria jaurti zuten, barruan, arto hazi batzuekin batera, hainbat ozpin-euli ( drosophila melanogaster ) zeramatzala. suziria lurrazaletik 109 kilometrora iritsi zen handik hiru minutu eta hamar segundora, eta, hortaz, euli haiek izan ziren lehenak espaziora iristen. V-2 suziri hura estatubatuarrek alemaniarrei Bigarren Mundu Gerraren amaieran atzeman zieten, gerrako harrapakin gisa. Beraz, naziek garatutako teknologiari esker lortu zen balentria hura. Ozpin-eulien misioaren helburua bidaia horiek –altuerak, azelerazioak eta, bereziki, erradiazioak– duten eragina aztertzea zen. Eulien eta gizakion sistema immunologikoa antzekoak dira eta, gainera, euliak oso azkar ugaltzen dira eta, horri esker, espazioko bidaiek hainbat belaunaldiko izaki bizidunengan dituzten efektuak aztertzeko aukera ematen dute. 1947ko misio hartan, behin espaziora iritsita, V-2 suziriak Blossom kapsula jaurti zuen, eta kapsula atmosferan erori zen. Airearen marruskadurak, lehenik, eta jausgailu batek, gero, kapsula geldiarazi zuten, eta lehen euli astronautak bizirik berreskuratu zituzten, Albert II eta Laika gaixoak ez bezala.
news
argia-9ac05d3fec2b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/onintza-odriozola-irizar-historia-hurbilean-arakatzen.html
"ETA euskal gizartearen zati handienean eragin zuen lurrikara izan zen"
Jon Ander De la Hoz Arregi
2017-11-12
"ETA euskal gizartearen zati handienean eragin zuen lurrikara izan zen" Euskal Herriaren azken hamarkadak ezin dira ulertu ETAri aipamena egin gabe. Erakundearen lehen urteak aztertu ditu Onintza Odriozola Irizarrek bere doktorego tesian; fenomeno sozial zabal samarra izan zela ondorioztatu du, eta diskurtso hegemonikoak baliatutako kontakizuna "izebergaren punta" besterik ez dela dio. Zerk bultzatu zaitu ETAren sorrera aztertzera? Konturatu nintzen ETAri buruz egin diren ikerketetan gauza batzuk beste batzuk baino gehiago landu direla: adibidez, ETAren ideologiari eta estrategiari buruzko historia politikoa nagusitu da. Gure ustez oso garrantzitsua da, ETA bere osotasunean ulertzeko, bere eragin soziala eta kulturala ere aztertzea, beti ere, esparru politiko eta ideologikoarekin lotuta. Zein metodologia erabili duzu lana egiteko? Gaiaz idatzita zegoena landu dugu, ETAren dokumentu zaharrak nahiz beste egileen lanak. Horrez gain, lehen eskutik ere jaso dugu informazioa, ETAn edo haren inguruan militatutako hamasei gizon-emakume elkarrizketatu ditugulako. Zein hipotesitatik abiatu zenuen lana? Gure susmoa zen ETAren inguruan ETAko militante ez ziren pertsona ugari antolatu zela: erakunde-egitura organikoa gainditzen zuen antolaketa eta harreman-sare gisa ulertuta. Horri deitu diogu ETA mugimendua. Aldi berean, jakina da testuinguru hartan ekimen ugari jarri zela abian Euskal Herrian, bai maila soziopolitikoan eta bai maila kulturalean. Dinamika guzti haren zati handi bat, behintzat, ETAren diskurtso eta estrategiarekin batera edo bere inguruan –mugimendu horretan–, elkarreraginean, artikulatu zela susmatzen genuen. Zein dira harreman horiek? ETAren fronte kulturalak, adibidez, harremana izan zuen euskalgintzarekin. Euskara batuaren sorrera, ikastolak, kantagintza... Esan genezake presentzia eraginkorra izan zuela ETAk edo etakide askok euskalgintzaren esparru guztietan. Txillardegi da adibide argiena. Askotan ETAk berak –haren fronte kulturalak– bultzatu zituen kultur ekimenak, edo elkarlanean aritu zen beste batzuekin. Mugimendu horiek uler daitezke ETAren diskurtsoaren testuingurua aintzat hartu gabe? Euskara eta euskal kultura bere diskurtsoaren erdigunean kokatu zituen ETAk. Abertzaletasun berri bat ekarri zuen, arraza alboratu eta euskalduntasuna naziotasunaren oinarrian jarri zuelako. Horrek diskurtsoa eta praxia aldarazi zituen, eta jende asko hasi zen euskaraz ikasten; euskararen balio sinbolikoa handitu zen. 60ko hamarkadan euskara erabiltzeko, ikasteko, modernizatzeko eta jendarteratzeko mobilizazio zabala jarri zen abian. Langile mugimenduarekin ere izan zuen harremana. ETA garaiko gatazka sozialetatik elikatu zen aldi berean, langile mugimenduaren sektore bati mentalitate bat eskaini zion: nazio askapena helburu zuen abertzaletasun akonfesional eta ezkertiar baten diskurtsoa. Mugimendu ezkertiarrek subjektu iraultzailetzat langile klasea hartzen zuten; ETAk nazio auzia lotu zion horri eta Euskal Langile Herria izendatu zuen subjektu iraultzaile. Bi mugimenduen artean gatazka batzuk sortu baziren ere, nazio askapena eta askapen soziala uztartu ahala, aurretik abertzaletasuna urruti sentitzen zuen langile asko hurbildu zen ETAra. Horiekin batera, fronte militarra ere garatu zuen ETAk. Lehen urteetan ekintza adarra deitzen zitzaion eta gero fronte militarra. Frankismoaren errepresio bortitza gori-gori zegoela, herri-babesa eta harreman-sarea behar zituen ETAk abertzaletasun ekintzailea gauzatzeko: ikurrinak jarri, propaganda zabaldu, helburu zehatz baten kontrako ekintzaren bat... Hori egiteko herriaren zati garrantzitsu baten babesa izan zuela uste dugu. Bere estrategiak onarpen sozial handi samarra zeukala ondorioztatu dugu, jendearen arabera Francoren aurka egiteko bide eraginkorra eta bidezkoa zelako. Hiru fronte horien baturak ondoriorik izan zuen abertzaletasunaren susperraldian? Handia. 1964tik aurrera masa abertzaletasunak gorakada izan zuen, eta ez ETAren inguruan soilik. EAJ, Enbata eta halako erakundeek ere egin zuten gora, euskal jaiak sortu zituzten, dantza... Lehen ezkutuan zegoen abertzaletasuna kaleratzen hasi zen pixkanaka. Emakumezkoek zein toki zuten garaiko ETAn? Subjektu aktiboak izan ziren. Bereziki, kulturaren esparruan hartu zuten parte emakumeek, ikastoletan eta beste. Gainera, erakundeko erabakiguneetan ere  bazebiltzan batzuk, nahiz eta gutxi batzuk izan. Nola artikulatu ziren Ipar eta Hego Euskal Herriko abertzaleak? Batetik, Hego Euskal Herriko abertzaletasunaren gorakadak olatu gisa jokatu zuen Ipar Euskal Herriko abertzaleentzat. Gainera, mugaren bi aldeetako abertzaleen artean elkarreragina izan zuen. Gero, erakundeko kide asko Ipar Euskal Herrian gorde izanak aire berriak ekarri zizkien; han edan zuten filosofo frantziar ezkertiarren iturritik. Zein ondorio nagusi atera duzu? ETAren abertzaletasun berria Euskal Herriko tren makina martxan jartzeko ikatza izan zen. Elkarrizketetan, zenbaitek esan du gizartea lozorrotik berpizteko balio izan zuela. Euskal Herriko gizartearen zatirik handienean eragina izan zuen lurrikara izan zen.
news
argia-da5d03801186
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/liberen-atmosferan.html
Liberen atmosferan
Joxi Ubeda Goikoetxea
2017-11-12
Liberen atmosferan Teklatu doinu leunak, ahots fina, gitarraren eta txeloaren marrazki xumeak eta politak... Liberen atmosferaren osagai batzuk dira. Erritmo oinarri sendo baten babesean aritzen diren teklatuak eta ahotsak dira Libe taldearen bereizgarri nagusiak, lehenengo lanean erakutsi zuten bezala, eta bigarren disko honetako kantuak xehetasun eta ukitu ugarirekin jantzi dituzte. Arretaz entzuteko lana da, behin baino gehiagotan, bere edukiaz ongi jabetzeko. Rock kutsuko musika lasaia da, iradokitzailea, melodia ederrekin jantzia, eta tentsioa ere transmititzen duena. Libe Garcia de Cortazarrek barruak askatu ditu, bere desioak eta barruan daukana atera du. Besteak beste, ateratzeko, bizitzeko eta bizitzaz gozatzeko gogoa, barne hustasuna gainditzeko nahia, aurrera egin ahal izateko kemenaren beharra, lagun bat izatearen premia, maitasunaren gazi-gozoak eta izateko zentzuaren gaineko kezkak transmititzen dituzte kantuek. Neubat, Sorkun, Ekon eta Izaki Gardenak taldeekin aritua da Libe Garcia de Cortazar, Libe taldea sortu baino lehen bere kantu propioak interpretatzeko. Ihesaldi handia (Bonberenea Ekintzak, 2014) da kaleratu duen lehen diskoa. Ilargia erori da bigarren lana aurrekoaren jarraipena dela esan daiteke, zertzelada desberdin batzuekin, eta "helduagoa", kantak landuagoak daudela eta taldekideek zer egin nahi zuten argiago zutela suma baitaiteke. Diskoa burutzeko parte hartu dutenen lana aipagarria da, nabarmena da eskarmentu handiko musikariak direla, gustu onekoak. Libe Garcia de Cortazarrez gain (ahotsa, teklatuak), Txus Villalabeitia (gitarra), Dani Arrizabalaga (bateria) eta Karlos Osinaga (baxua, ekoizpena, grabazioa eta nahasketak) Tolosako Bonberenea estudioan aritu dira grabazio saioak egiten. Maite Arroitajauregik txeloa jo du bi kantutan eta Jon Basaguren abesten aritu da kantu batean. Halaber, Jon Basagurenek berak hitzak idazten lagundu dio Libe Garcia de Cortazarri. Diskoa aurkezteko emanaldiak egiten hasi dira jadanik. Aukera ederrak Liberen atmosferan bertatik bertara murgiltzeko.
news
argia-5503d7e16f07
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/greenham-common.html
Greenham Common
June Fern�ndez
2017-11-12
Greenham Common Ba al zenekiten Ingalaterran milaka emakume feminista eta bakezaleek 19 urtez base militar bat okupatu zutela, 1981 eta 2000 urteen bitartean? Greenham Common Ameriketako Estatu Batuen (AEB) basea zen, Berkshiren kokatutakoa, eta NATOren aginduz han misil nuklearrak gordeko zirela salatzen hasi zen Women for Life on Earth (Lurran Bizitzaren aldeko Emakumeak) taldeak. 1981eko irailean, 36 emakume harresian kateatu egin ziren. Hala ekin zioten urtebetez mantenduko zuten kanpamentuari. 1982ko irailean gobernu lokalak kanpalekua desegitea agindu zuen, baina emakumeek ez zuten amore eman. Abenduan Embracing the base ekitaldian 30.000 emakumek inguratu zuten basearen perimetroa. Baina hori ez zen ekitaldi jendetsuena izan; 1983. urtean 70.000 lagunek osatutako 23 kilometroko giza katea inguruko bi arma fabriketaraino zabaldu zen. 1991n AEBek Greenham Commonetik misilak eraman zituztela eta 1993. urtean basea ixtea erabaki zen arren, emakume multzo baten presentzia mantendu zen 2000. urtera arte, landa hori publikoa bilakatu zedila eskatzeko eta, gerora, antimilitaritarismoaren memoria gune bezala finkatzeko Hamaika etxe huste eta atxiloketei aurre egin zieten. Inguruan kanpamentu berri bat ezarri, hainbat lagun basera sartu eta kanporatuak izan arte dantzan egiten zuten. Gerraren unibertso maskulinoaren aurrean, emakumeen kultura bakezalea eta zaintzei lotutakoa zela azpimarratzen zuten. Beste ekitaldi batean, partaide guztiak hartz pelutxez mozorrotu ziren, gerraren mehatxuak haurren segurtasuna urratzen zuenaren mezua irudikatzeko. 1991n AEBek Greenham Commonetik misilak eraman zituztela eta 1993. urtean basea ixtea erabaki zen arren, emakume multzo baten presentzia mantendu zen 2000. urtera arte, landa hori publikoa bilakatu zedila eskatzeko eta, gerora, antimilitaritarismoaren memoria gune bezala finkatzeko. Garaiko hedabideek mugimendu honen garrantzia zalantzan jarri zuten eta familia balore tradizionalak puskatzen zituzten sorgin talde baten karikatura zabaldu zuten. Hauxe zioten: "Haurren segurtasunagatik kezkatuta bazeuden, zergatik ez ziren etxean seme-alabekin geratzen, ume eta guzti base militarrera iskanbila egitera joan ordez?". Etxekoandrearen ereduarekin apurtzea eta subjektu politiko bilakatzea zen emakume horien bekatua. The Guardian egunkariko artikulu batean Beeban Kidron kazetariak dio emakumeen kanpamentuak aitortza eskasa izan duela, nahiz eta desobedientzia zibilaren eredu paregabea izan. "Greenhamen emakume belaunaldi batek esparru publikoan bere ahotsa deskubritu zuen. Inklusibotasuna eta aniztasuna sustatzen zituzten, diskurtso nagusi bakarraren ordez, ikuspegi ugari zabalduz. Gehienek baino lehenago identifikatu zuten politikariek jende arruntaren interesak alde batera utzi eta gerrazale eta nazioarteko negozioen interesen alde egiten zutela".   Gertakari horrek gurean ere oihartzuna izan zuen. Euskal Herriko emakume asanbladetako hainbat kide Ingalaterrara joan ziren ekimen horretan parte hartzeko. Inspirazio horrekin 1986an, Eibarreko arma fabrikaren kontrako protesta feminista bat antolatu zuten, eraikinaren inguruan artilezko armiarma bat zabalduz. Begoña Zabalak Movimiento de mujeres . Mujeres en movimiento liburuan (Txalaparta argitaletxea) kontatzen du antimilitarismo eta borroka armatuaren inguruko eztabaida oso aberasgarria elikatu zuela mugimendu feministaren barnean. Pentsa, gure herriko testuinguruaz gain, 80ko hamarkadan Erdialdeko Amerikako iraultzen alde egin zuten euskal feministek. Aspaldi irakurri nuen liburua, hala ere, nire memoriatik desagertu egin ziren bai Greenham Common, bai Eibarreko protesta hori. Berriro ere istorio hau ez ahaztea eta oihartzun berrietan parte-hartzea erabaki dut gaur.
news
argia-84ba3016cbc7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/sortaldeko-haizeen-karira.html
Sortaldeko haizeen karira
Enrike Diez de Ultzurrun Sagal�
2017-11-12
Sortaldeko haizeen karira Urriak 31 ditu lerro hauek idazten ari naizenean, eta urriaren 1ean Katalunian behatzaile ibilitako euskal herritar franko harrituxe dabiltza Errepublika aldarrikatu zenetik honat gertatutakoaz. Urriaren 1aren antzeko masa-ekimena espero zuten, hau da, jende olde handia karrikan Generalitatearen egoitzak babesteko, erreferendumaren egunean bozkalekuak nola, eta 155i arbuioa erakusteko. Zenbaitek, halaber, beren harridura erakutsi dute (sareak lekuko) independentziaren aldekoak abenduaren 21eko bozetan aurkeztuko omen direlakoz (Puigdemont larrutzetik gertu ibili zen baten bat, presidentak hauteskundeak deituko zituela zirudienean). Suhar itzuli baitziren Kataluniatik, hura herria, hura jendea, hura irmotasuna, herri oso bat ahaldundua, burujabetua, bere buruaren jabe eginda. Joan ez ginenok ere gogoa han izan genuen, arrunt hunkiturik, ikusitakoak ikusita. Ezagun independentziazale bat itzuli da Bartzelonara Errepublika ezarri ondoko lehen asteburuan. Mikaztu zaio egonaldia, Espainiako bandera kopuruari erreparatuta, eskuin muturrekoak lasai-lasai nola ibili diren ikusita, eta mugimendu independentistaren isiltasunak harrituta, "unionistak ere ahaldundu dira, eta karrikak ez dira gureak izan, haienak baizik". Bat-batean, Antonio Baños CUPeko kidearen txio suspergarri batek itzuli dio irribarrea: "Oroitzen zarete ez zituztela hautestontziak topatu? Isiltasuna ez da beti inakzioa". Ezagun independentziazale bat itzuli da Bartzelonara Errepublika ezarri ondoko lehen asteburuan. Mikaztu zaio egonaldia,  eskuin muturrekoak lasai-lasai nola ibili diren ikusita, eta mugimendu independentistaren isiltasunak harrituta, "unionistak ere ahaldundu dira, eta karrikak ez dira gureak izan, haienak baizik" Bitartean, Kataluniatik datozen haizeak baliatu nahia sumatzen da, hemen ere bulkada ahalik eta lasterren emateko. Baina, aldi berean, hango abiadaren (bere adiera guztietan) aldean, aunitzen ustez, "inakzioa" nagusi da Euskal Herrian, gelditasuna, moteltasuna. "Herri hau lo dago eta iratzartzeko aldia da" entzun nion bati lehengoan. Hori hala bada, zerk lokartu du? Zerk utzi du indarrik gabe eta leher eginik? Ez al dute zerikusia urtetan "sua" itzaltzeko ahaleginean xahututako indarrek, eginahalek, izerdiek eta neke gorriek? Hala ere, Katalunian gertatu bada, hemen ere gerta daiteke, bere neurrian, urratsez urrats. Nork erranen ote zuen duela zortzi urte Joseba Asiron izanen zela Hiri Buruzagiko alkatea, eta Uxue Barkos, Ekialdeko lehendakaria? Huskeria iritziko diote hainbatek, baina alimalekoa izan da, eta horixe da oraingoz gure joko-zelai nagusia. Bizkitartean, ea ez diren Nafarroako "unionistak" gehiegi ahalduntzen, eta ea gauza garen, hemendik urte eta erdira, bigarren agintaldia emateko Asironi eta Barkosi.
news
argia-db044fe6038a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/balirau.html
Balirau
Itxaro Borda
2017-11-12
Balirau Astekari honetan berean, kronikariek ederki agertu dute Kataluniako aferak nola atxikitzen gaituen hatsa trenka hurran: egun oroz zerbait berri jaukitzen zaigu, alde batetik edo bestetik, guztiak, iragan urriaren 27ko Kataluniako Errepublika deklarazioaz (15:27) geroztik are gehiago dabiltzala, din-dil, leize gainean hedatu burdinazko hariaren orekan. Euskaldunak, anitzek diotenez, Bartzelonako katalanisten ekinari inbidiaz begira dagozkie "zergatik ez gu" galdezka bezala, ongi dakitelarik ez garela horretara prest, ez instituzionalki, are gutxiago kolektiboki. Europak, halaber, ez du kuraia politiko askorik erakusten gertatua eztabaidatzeko bederen, bakoitzak bere kalkuluak egiten ditu, Macronek adibidez, badaki leku seguretik Puigdemont hautatzen baldin badu, zer galduko duen Rajoyen parean (sostengu bat alabaina, Bruselan –ustez irabazle– negoziatu duen Langile Ibiltarien akordioan). Nik, alta, nahiko nuke beso-indarkak iraun dezan, aste bat, hilabete bat oraino, katalanen faborez bistan dena. Espainiako Gobernuak bereziki ez dezan bere kontrola zorrotz pean eman TV3 katea, Nit I Dia telesaila gaitzaren hirugarren sasoiaz gozatzea espero dudalako 2018an ere. Balirau, lirauke: Visca Sara Grau & Aitor!
news
argia-579ca7fb55ba
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/ofizialtasuna-eta-zerrenda-bakarra.html
Ofizialtasuna eta zerrenda bakarra
Mikel Basabe
2017-11-12
Ofizialtasuna eta zerrenda bakarra Mikel Asurmendiri irakurri nion ARGIAn bertan Hegoaldekook ez dugula Iparraldearen berri (ia) ezagutzen. Esango nuke egia dela, eta gaineratuko nuke Nafarroaren errealitateari buruzko ezagutza ere, behar baino mugatuagoa dugula Mendebaldean. Horregatik pentsatzen dut korner honetako gehien-gehienok jakingo dugula euskara ez dela ofiziala Nafarroa osoan, baina askoz gutxiago izango garela zerrenda bakarraren kalapitaz jakitun gaudenok. Ostera, bi-biak dira eztabaidagai uneotan Nafarroan, eta biek dute ardatz bera: euskara. Aspaldiko erreibindikazioa da euskara Nafarroa osoan izatea ofizial. Aurreko parlamentuekin ezinezkoa bazen, oraingoarekin ere bai. UPN, PSN eta PP kontra daudela gauza jakina da. Baina Ezkerra ere kontra dago, eta hura barik ez dago, gaur-gaurkoz, legea aldatu eta ofizialtasuna foru-erkidego osora zabaltzerik. Kito. Hori esanda, iruditzen zait arrazoi puntu bat baduela Joxerra Olanok, LARRUN 223n  dioenean berriro ere oposizioan izatekotan zaila izango dela ofizialtasuna eskatzea, agintean izan bitartean hura gauzatu ez bada. Gauzatzerik ez badago ere, ofizialtasuna aldarrikatu egin behar da, orain ere bai. Baina: lehenengo-lehenengo, ofizialtasunak zer esan gura duen argitu behar da. Horren bitartez –bitartekoa baino ez baita– zer bilatzen dugun definitu beharrean gaude. Ez bakarrik euskal hiztunari zein eskubide ekarriko liokeen, baizik eta –batez ere, esango nuke nik– ofizialtasun horrek zein betebehar ekarriko liokeen euskaraz ez dakien nafarrari. Izan ere, pentsatzen badugu ofizialtasunak derrigor ekarri beharko lukeela euskara Nafarroa osoan ikasi beharra, orduan etxekalte ariko ginateke. Tren hori aspaldi joan zen (joaten utzi genion?) eta EAEn duela ia berrogei urte posible izan zena ezinezkoa da gaurko Nafarroan, non euskararen bultzada eskubideen errespetuan oinarritu behar den, ez betebeharrak ezartzearekin. Eta eskubideetan oinarrituta ere, nahikoa lan: begiratu bestela Ezkerraren jarrera hezkuntzako zerrenda bakarraren gaian. Lanerako ildoa, beraz: ofizialtasuna, nafar elebidunen eskubideak Nafarroa osora zabaltzeko, baina ez elebakarrei hizkuntza betebeharrik ezartzeko. Administrazioko lanpostuetarako, EAEko sistema zein den ondo azaldu, hala eskatzen den euskara mailaz, nola euskara ezagutzaren bat jartzeko jarraitzen den prozeduraz–, eta Araneraren Legeari begiratu bat eman. Eta definitzea eskatzen ari naizenez, beste eskaera bat ere egingo dut Mendebalde honetatik: jakin gura nuke Kontseiluak zer iritzi duen euskararen kaltetan izango diren Heziberri eta 3L ereduaren gainean. Horretaz ez baitiot txintik entzun.
news
argia-00b264b0e8c4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/gontzal-fontaneda-gerra-ondoan-euskaltzale.html
"Carabancheleko kartzelan onartu genuen guk euskara batua"
Miel Anjel Elustondo
2017-11-12
"Carabancheleko kartzelan onartu genuen guk euskara batua" Iragan mendeko 60ko hamarkadaren bihotzean euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta lagun izan zen. Kultur borroka beti bezain politikoa zen, eta horrela heldu zitzaizkion guardia zibilak beti bezain guardia zibil, eta sartu zuten zulora Euskal Herritik aparte. Gasteizen jaioa zara, eta bertan hazia. Herrandarren kalean, Gasteiz bukatzen zen alderdian. Bestalde, han zen Judimendi gaina, gasteiztarren arnasgunea, haraxe joaten ginen patata tortilla hartuta. Harantzago, Errepublika garaian egindako etxeak ziren, "etxe merkeak", gaur egun Estibalitz hiribideko txalet estimatuak direnak. Eta hantxe Maltzagatik Lizarrara zihoan trenaren geltokia ere. Eta besterik ez… Aita 4 urte nituela hila, ama alargun, lanean hasi zen Haur Lorategia izenekoan. "Haur Lorategia"? Bai. Espainiako Falangearen emakumeen saileko gizarte sorospena, esateko moduan. Gasteizko jenderik pobreenarentzako haurtzaindegia zen. Zenbat Cara al sol kantatu ote nuen han. Goizean, Espainiako bandera jasotzean, Cara al sol , eta arratsaldean, jaistean, berriz. Heziketari dagokionez, Franco eta Jose Antonio [Primo Rivera] guztiz presente zeuden han. Ama haurtzaindegiko sukaldari izan zen; beste zenbait langilerekin batera egiten zuen lan han. Hura sukaldeko lanean, ni ume, haurtzaindegian. Gainerako umeak etxera joaten ziren arratsaldeko zazpietan. Ni, berriz, hantxe geratzen nintzen amarekin, berak lana bukatu arte. Eskolako adinean, Samaniego eskolara hasi nintzen. Bazkaltzeko garaian, nire lagunak etxera, eta ni Haur Lorategira beti. Gerra ondoko bizimodua zuena. Halaxe. Gero, maistra bat izan nuen, Teresa, itsua, kontuak eramateko ondoan hartu ninduena. Elkar asko maite genuen. Beraren bitartez, falangeko sail batek Jesusen Bihotza ikastetxean batxilergoa egiteko beka eman zidan, eta ikastetxe hartan gertatu zen nire baitako aldaketa. Batxilergoko bosgarren mailan ginen. Mahaikide nuen Ibarrangeluko mutiko bat, Arrotegi deitura zuena. Eguberriak ostean, batak besteari oporretako berri kontatu geniolarik, Arrotegik bi pezetako txanpon bat erakutsi zidan. Alde batean, kapelu frigiar bat zuen emakume baten irudia ageri zuen, "Gobierno de Euzkadi" zioela. Nik, emakume hura Euzkadi ote zen galdetu nion, eta berak txotxoloka eraso zidan. "Euzkadi euskaldun guztion aberria duk!", esan zidan. Dena gaztelaniaz, jakina. Askoz geroago ikasi baitzenuen euskaraz. Bai, eta garai eta giro hartan Gasteizen, bestela ere gaztelania zelako hizkuntza bakarra. Arrotegik hura esan zidan arte, aberri bakarra Espainia zelakoan nengoen ni. "Euskaldun guztion aberria"… Arrotegik ez zuen atertzen, Franco haizatu zuen, gobernuaren kontra altxatu zela eta hau eta hura. Ordu arte aditu nuenaren kontrakoa esan zidan hark. Ordu arte ikasitakoa batetik, Arrotegik esan zizuna, bestetik. Liburutegi publikora joanda erabaki nuen auzia. Espasa entziklopedia zuten, eta han dena zioen: Euzkadi, Espainiako Mugimendua, Uztailaren 18ko altxamendua… Oraindik liburutegian daukate entziklopedia. "Hau duk hau, Arrotegik arrazoi dik!". 1958ko urtarrilean ginen, eta urte hartako urrian euskaraz ikasten hasi nintzen. 1958an Gasteizen, Ramiro Maeztu Institutuko eskola haietan, orain EAEko legebiltzarra den horretan? Bai, euskalduna izan behar nuela guztiz konbentzituta. Jakin nuen eskola haiek zirela eta joan nintzen. Batere arazorik, polizialik, ez zen izan. Peli Lopez Presa izan genuen irakasle, dozena bat ikasle ginela. Oso irakasle saiatua zen Peli, euskaltzale amorratua. Andoni Urrestarazu Umandi -ren gramatika erabiltzen zuen metodotzat. Bi urte egin eta hango eskolak bukatu zirenean, Peli Presak Jesus Langilea ikastetxera jotzeko esan zigun. Hurrena, Arte eta Langile Eskolan ere eman zituzten euskara eskolak… Gauzak mugitu egin ziren, aldatu. Argazkia: Zaldi Ero. Peli Lopez Presa beti irakasle zuek. Jesus Langilea ikastetxean poliziaren bisita izan genuen, eta handik alde egin behar izan genuen, Peli Presaren etxera orduan. Pelik bazituen laguntzaileak, Barrueta, Peli Martin Latorre... Eta gero, ni kartzelatik irten nintzenean, talde gehiago eta irakasle gehiago ziren. Gogoratzen naiz Gernikako bat ere bazela, Pertika, Kordoban erbesteratua eduki eta gero Gasteizen bizi zena. Haren autoak ere Kordobako matrikula zuen, eta jendeak kontra egiten zion: "Hi, andaluza!". Berak, berriz, euskaraz isilarazten zituen. Zeu ere irakasle izan zinen garai hartan. Euskaraz jakin gabe hasi nintzen irakasten, 1966an. Elizbarrutiaren eskolan, orain unibertsitate campusean dagoen eskola horretan. Felipe Ibarraran zen han irakasle, baina soldadutzara joatekoa zen eta niri eskaini zidan eskola haiek ematea, eta zer edo zer banekienez –askorik ez–, neuk zuzendu nuen talde hura urritik 1967ko ekainera. Ezin izan nuen kurtsoa amaitu, guardia zibilek harrapatu ninduten eta. Euskaraz bazenekien. Gutxi. Irakatsi ere, beharbada gaztelaniaz irakasten genuen. 70eko hamarkadaren hasieran Juan Bautista Gamiz irakasle taldea sortu zenean, orduan bai, euskarazko metodoa egin genuen. Eusebio Osa, Pako Eizagirre, Jeni Prieto… hainbat irakasle ginen. Metodoa egin genuen, geure erakoa: Hizketan zuen izena. Aditza eratzea –nor-nori-nork eta beste–, neuk egin nuen; Eusebio Osak, testuak, langileak gora eta nagusiak behera; eta Maribel Elizondok jo zuen material hura makinaz. Aurretik, Umandiren gramatika, eta geroago, Patxi Altunaren Euskera, hire laguna! izenekoa erabili genuen. Gogoratzen naiz ez genekiela zer zen "hire" hura, eta galdetu edo libururen batean begiratu behar izan genuela. Esan diguzunez, ez zenuen zure estreinako irakasle urtea amaitu. Atxilotu egin zintuzten 1967ko ekainean. Hemen San Vitor mendiko eguna ospatzen da uda atarian. Garai hartan, polizia ez zen mendira iristen eta urte hartan sekulakoa egin zuten EGIkoek. Bateko ikurrina, besteko oihuak… Guardia zibila hara ez iritsita ere, baten batek ikusi zituen zertan zebiltzan gazte haiek, eta salatu. Eta bata eta bestea, jendea atxilotzen hasi ziren. PNVkoak lehenik, eta gainerako guztiak ondoren. Ni ez nintzen mendian izan, baina atxilotuak jotzen hasi zirenean, izenak eskatzen, batek nirea esan zuen eta kito, atxilo eraman ninduten, beste askorekin batera. Hogeiren bat mutil, eta neska bat, barrura. Beraiek esanda dakigu: mutil haien artean zen Jesus Estrada [ARGIA, 2.087 zbka.] eta neskari dagokionez, berriz, Arantxa Aretxandieta zen [ARGIA, 2.105 zbka.]. Bai, Jesus Estrada zen bat. Jesusek eta beste batek Olarizu mendian zegoen telebista antena bat saboteatu zuten futbol partida bat ematen ari ziren bitartean. Emisioa eten zuten, edo antena hondatu, behintzat! Jipoitu egin zintuztetela esan zigun Jesus Estradak. Bai. Jipoitu, denok. Hala ere, ez zen izan gero ezagutuko genuen tortura: bainuontzia eta horiek. Ni, adibidez, gogotik jipoitu ninduten, baita koronel tenienteak berak ere. Barrua behar du, agintean eta jotzen. Jipoitu ez ezik, behatz artean taulatxo batzuk jarri eta estutu egiten zizkidaten. Hura mina, hura! Guardia zibilaren tortura ohikoa zen. Horrekin batera, presio psikologikoa. Haiek bazekiten ama alarguna nuela, eta esaten zidaten, kolpeka erasotzen zidaten bitartean: "Dena kontatzen ez badiguk, atxilo ekarriko diagu hire ama". Bakea kaleko kartzelan eduki gintuzten atxilotu guztiok, behean gu, mutilok, eta goian Arantxa, bera bakarrik. Ekainaren 21ean harrapatu ninduten ni, eta abuztuaren lehenean behin-behinean libre utzi gintuzten guztiok. Hurrengo urtean, berriz, berriro atxilotu gintuzten, eta orduan ez nintzen hain erraz libratu, bigarren aldia nuelako. Argazkia: Zaldi Ero. 1968an bigarren erorketa. Bai, euskarazko meza esaten zen brigidetan, eta hantxe ibiltzen ginen Arantxa Aretxandieta eta biok. Esana genion elkarri: "Gutako bat harrapatzen badute, besteak hobeto du ihesi joan". Esan eta egin. Guardia zibilak nire bila etorri ziren, eta Arantxak alde. Bestalde, poliziak Sabin Arana atxilotu zuenean, guardia zibilak sarekada egin zuen. Gu erreta geunden ordurako, guardia zibilak aurreko urtetik zuen gure berri. Eta barrura 1968ko martxoan. Gasteizko Olabide ikastolaren historia kontatzen duen liburuan Peli Martinek dio 1967-1968 ikasturtean ikastolaren ingurukoak bilerak egiten hasi zirela Estibalizko santutegian ikastolak, euskara, eta euskal kultura Araban sustatzeko asmoz. Baina martxoko bilera eta gero, han izandako bi lagun atxilotu zituztela eta bertan behera utzi zituztela bilera haiek. Xabier Bareño Etxebarria eta biok. Hil zen Bareño, gernikarra, ETAko liberatua sasoi hartan. Nik harremana nuen Estibalizko priore Isidro Baztarrikarekin. Nire irakaslerik onena izan zen: Nor-nori-nork , El secreto del verbo vasco liburua eman zidan eta betiko izorratu ninduen. Kar, kar… Beharbada berak aipatuko zidan bilera egitekoak zirela, giroa aldatzen ari zela edo halakoren bat. Bestalde, garai hartan oso ohikoa zen Gasteizetik Estibalizera joatea, eta halaxe joan ginen Bareño eta biok, oinez. Martxoaren lehenengo igandean izan zen bilera. Eta handik laster etorri zitzaizkidan guardia zibilak banketxeko lanera. Kuartelillora eraman ninduten. Poliziak Sabin Arana eta Koldo Grajales harrapatu zituen. Guardia zibilek bazekiten non ibiltzen ginen, Ariznabarra auzoan bilera eginak ginen euskarazko eskolen inguruan. Bazuten gure berri. Harrapatu nindutenean Estibalizko bileren gainean ere galdetu zidaten, baina ETAkoa nintzela zen akusazioa. Sabin Arana gora eta behera ibili zitzaizkidan. Hura ez zen nire hirurkokoa, ordea, eta ez nekien askorik. Bost axola haiei, ni kartzelara berriro. Nirekin batera atxilotuak behin-behineko askatasunaz atera ziren kartzelatik. Nik hiru urte eta erdi egin nituen kartzelan, eta ez nuen jakin zer izan zen Gasteizen bilera hura eta gero, ikastolak aurrera egin zuela besterik. Euskara batuaren auziak jo zintuen zu ere? Bai, baina obedienteak ginen. Euskara batuarena Carabanchelen geundela lehertu zen. Aldizkari bat egiten genuen han, marrazkiak nireak. Carabanchelen izenordainak erabiltzeko tirria zuten: " ¡Esa comida! ¡Ese Fontaneda! ...". Oihurik ezagunena, hala ere, " ¡Esa cena! " zen. Eta, horrela, guk Apari ori! jarri genion izena aldizkariari. Hala ere, laster aldatu zen hura, Afari hori! izena hartu baitzuen. Alegia, hantxe aldatu zen euskara guretzat. Eta onartu genuen. Lagunartean, etxean, jolasean… ontzat ematen genuen nork bere euskara erabiltzea, euskalkiak eta beste, baina bestela, euskara batua behar genuen, beste hizkuntza guztiek bezala. Beharbada eztabaidaren bat izango zen, baina Afari hori! agertu zenean, onartuak genituen Euskaltzaindiaren erabakiak. Carabanchelen onartu genuen euskara batua. 1971n irten zinenean, zer giro zen Gasteizen? Euskara taldeak egituratuak zeuden, irakasleak eta ikasleak. Politikari dagokionez, erreta nengoen, ETAren barneko zatiketa gauzatua zegoen –Jaeneko kartzelan geundela gertatu zen bosgarrenaren eta seigarrenaren artekoa–, Gasteizko kalean euskara gehiago entzuten zen –nahiz eta gutxi–, eta gainerakoan, aldaketa handirik ez nuen nik sumatu. Hiru urte tarte txikia da ezer errotik aldatzeko, gertakari handiren bat ez bada, behintzat. Martxoaren hirukoak, adibidez, bai, gauzak aldarazi zituen. Gainerakoan, poliki-poliki aldatzen da gizartea. Militatzen segitu zenuen. 1971n kartzelatik irtendakoan bai. ETA VI.ekoa nintzen, baina erreta geundenok aparte biltzen ginen, erdi-militante ginen. 1975 aldera, Espainiako Langileen Alderdi PTEra sartu nintzen, eta 1979an, alderdiak bat egin zuen beste batekin, ORT [Langileen Alderdi Iraultzailea] izenekoarekin. Baina hark ere ez zuen luze iraun, 1980an desagertu baitzen. Orduantxe kito niretzat militantzia politikoa. Kartzelatik irten eta gero, eraikuntza-materialeko enpresa batean hasi nintzen lanean. Ezin izan nuen itzuli lehengo lanera, Banco Vizcayara, ze lehen kondena jaso eta hilabetera, kartzelan nengoela, eskutitza jaso nuen bankutik, esanez lanetik kanpo uzten nindutela. 1973an Lankide Aurrezkian hasi nintzen lanean, harik eta amnistia bat-edo eman zuten arte. Orduan, sindikatuen borroka eta gero, berriz hartu ninduten Banco Vizcayan, 1976an. Lankide Aurrezkia utzi eta lehengo Banco Vizcayara itzuli nintzen, duintasunez, eta duintasunagatik. Aspaldi utzi nion militatzeari, baina ez boto emateari. Beti ematen dut, garai batean boto ematerik ere ez zegoen eta.
news
argia-96f4c94452e7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/maria-jose-pizarro.html
"Gerrillaz mintzatzea ia tabua da Kolonbian"
Jabi Zabala
2017-11-12
"Gerrillaz mintzatzea ia tabua da Kolonbian" Duela 27 urte hil zioten aita, berak 12 zituela, baina hura ez zen bidearen amaiera izan, erbeste eta urruntze aldi luze baten abiapuntua baizik. Egiaren bila, 2010ean Kolonbiara bueltatu zen María José Pizarro, M-19 gerrillaren buruzagi Carlos Pizarro zenaren alaba, aitaren aldarrikatzaile nagusi bihurtuta. Simón Hernández zuzendariak egindako Pizarro film dokumentalaren beste protagonista dugu María José, haren bitartez aita zenaren figura ezagutzeko aukera izango baitugu. Orduko eta egungo bake prozesuen gorabeherez mintzatu gara berarekin. Nola sortu zen Pizarro filmaren proiektua? Aitari buruzko erakusketa egina nuen Bartzelonan 2009an, eta orduan Simón Hernándezek proposatu zidan nire bilaketari buruzko dokumentala egitea. Aitaren bila ari nintzen, nire bizitza sorterriaren historiarekin konektatzen, hariak lotzen... Erbestetik egindako hausnarketak ziren, Kolonbian bertan egin ezin nituenak. Aitaren kideak izandakoekin elkarrizketak egiten hasi nintzen eta apurka-apurka prozesu kolektiboagoa bilakatu zen, 2010etik aurrera publikoago bihurtu zen. Barne katarsi batetik abiatu zen dena, min sakonak osatu nahian, haurtzaroan bizi izan nuen hau dena eta ulertu beharra nuen, zer gertatu zaigun, zergatik hil zuten aita. Aita eta bion arteko elkarrizketa da filma, bere heriotzagatik eduki ezin izan genuena. Aita ageri da nire bidez, historia beraren bi zati moduko baikara, bion arteko haria osatu dugu. Zer lortu nahi duzu filmaren bidez? Oroimenen askotariko eraikuntzari ekarpena egitea, ezin da kontaketa hegemonikoa egon, oroimen bakarra, historia bakarra, ahots bakarra gailendu. Nolabait ahotsik izan ez duten beste sektoreei ahotsa ematea zen gure helburua, matxinada armatuari kasu honetan. Sektore horrek ezin izan du hitz egin, eta sakonki jasan ditu gatazkaren ondorioak. Gerrillaz mintzatzea ia tabua da herrialdean, izugarri gaitzetsi da, beraz, oso erraza da bestearen estigma egitea eta haren hilketa justifikatzea. Kolonbian beste sektore batzuek etsaitzat hartu duten gizartearen parte horri giza aurpegia eman behar diogu, adiskidetzeari ekarpena egiteko modua da, elkarrizketaren logika sustatzeko. Halaber, belaunaldi berrietan hausnarketa eragitea du helburu, beraiek bizi izan ez dituzten gertakariak bihar-etzi errepika ez daitezen. "Matxinada armatuan ibili den sektoreari ahotsa ematea da gure helburua" Aitaren zer oroitzapen duzu? Klandestinitatea bitartean, nolakoa zen zuen harremana? Familiek egunerokotasun uneak bizi izaten dituzte, aitak seme-alabak jaso, eurekin denbora bat eman... Nire kasuan ez da hori gertatu. Oso une gutxitan ikusten nuen, aurrez iragarri gabe, eta itxuraldatuta egoten zen beti, ilea tindatuta edo bibotea kenduta, oso une laburrak baina emozioz beteak ziren, bera gizon jazarria baitzen. Horregatik neu ere jazarria izan nintzen, estatuko sektore batzuentzat Carlos Pizarroren alaba izateagatik gerra ospila nintzelako. Hedabideetan aitaren inguruko irudi zuzena, osoa eman dela uste duzu? Faseak egon dira hor, erabat gaitzetsia izan zen, gero idealizatua, ahantzia ondoren... Nik ahalegin handiz sustatu dudan beste bolada honetan historia ahantzi hura egungo eztabaidaren erdigunean jartzea lortu dugu. Beharrezkoa zen orain, bakearen eta kolonbiarren arteko hurbilketaren sinbolo bihurtu delako. Bakearen egungo eraikuntzan ekarpen handia egin dezake Carlos Pizarroren pentsamenduak. FARC utzi eta beste mugimendu bat sortu zuen, M-19 gerrilla. Zeintzuk ziren bere pentsamendu politikoaren gakoak? Oso oinarrizko gauzez mintzo zen, maiz etsai bihurtzen gaituen jarrera politikoa tartean egon gabe ere ulergarriak diren gauzez. Demokraziaz zentzu zabalean mintzo zen eta, borroka armatua aukerarik erradikalena bada ere, M-19koak "demokrazia armatua" modura definitzen zuten beren burua. Ahotsen aniztasuna aldarrikatzen zuten, Kolonbian mestizoak gara, baita indigenak, beltzak, europarrak eta iparramerikarrak ere, gure gizartea eraikitzen dugun erari erreparatuta. Osagai horiek guztiek osatzen dute gure gizartea. "Kapitalismo demokratikoaz" mintzo ziren, hau da, kapitalaren existentzia ukatu barik nola egin dezakegun hori demokratikoagoa eta solidarioagoa. Naturaren defentsaz, hedabideen rol arduratsuaz, klaseen arteko elkartasunaz eta kulturen arteko elkarrizketaz ere mintzo ziren. 'Pizarro' dokumentalaren afixaren ondoan, Bilbon. (Arg.: Iñigo Azkona) Segurtasun faltagatik alde egin zenuen baina, urte batzuk erbestean igarota, une jakin batean bueltatzea erabaki zenuen. Zein zen zure helburua Kolonbiara itzultzean? Alvaro Uriberen garaian jarrera erradikaleko hizkera gerrazalea gailendu zen: besteak ezin du existitu herrialdean. Hark boterea utzitakoan, irekialdia gertatu zen eta gutako batzuk itzuli ahal izan ginen, ordura arte debekatutako hausnarketak egiten hasi ziren eta biktimen onarpen modukoa hasi zen, eztabaida gizarteko beste sektore batzuetara zabaltzen hasi zen... Pertsonalki, etxera bueltatzea, amarekin eta inguruko jendeekin biltzea eta urte luzez partekatu ezin izan genituen uneak berreskuratzea ziren nire helburuak. Politikoki, nire belaunaldiaren ikuspuntutik, eztabaida politikorako ekarpena egiten hasi ahal izan dugu, uste baitut rol protagonista behar duela gure belaunaldiak. Zure aitak armak uzteko hautua egin zuen eta hil egin zuten. Gauza bera gertatu zen Unión Patrióticako hautagaiekin. Egun, badirudi esku berberak zeudela horren atzean. Gerran eta buruzagi politikoen hilketen atzean nortzuk zeuden argitzea –askotan izen eta abizen berberak errepikatzen dira–, hori da azken akordioen arabera sortuko den egiaren batzordeak izango duen zereginetako bat. Orduko baldintzetan armak utzi eta oposizio politiko armagabea egiten saiatzean, aukera zuzena egin zuten? Hala uste dut. Bakea ez da inoiz hautu erraza, tentsio handia agerian uzten duelako, eta nonbait armagabeturik, babesik gabe zaude. Baina nire aita hil zuten arren, herrialdeak asko irabazi zuen, kontinenteko konstituzio demokratikoenetakoa, herri indigenen eta afrokolonbiarren onarpena zuena. Tamalgarriena aldaketen aurkako sektore erradikalen presentzia izan zen, oraindik hor daude, gatazkaren lengoaia eta indarkeria bultzatzen. Gerraren dinamikak ez dira aldatu Kolonbian eta, tamalez, aita hil ostean gerraren urterik gordinenak etorri ziren, erabateko degradazioa, balioak guztiz galduta. Sektore berberak daude oraindik aldaketen aurkako lanean. Kolonbiak irabazi zuen, baina noski, nik aita galdu nuen eta Kolonbiak oso prestatuta zeuden buruzagi batzuk galdu zituen, eztabaida demokratikoan ekarpen handiak egin zitzaketenak. Garai hartan indar handia zuten beste eragile horiek (paramilitarrak, gobernua) indarra galdu dute egungo prozesuaren testuinguruan? Ez. Tamalez, horren erakusgarri dira azken urtean 128 buruzagi sozialen hilketak. FARCek utzitako guneetan sartu eta kontrola ezartzen ari dira bertan. Bake prozesuak ezin izango du aurrera egin talde paramilitarrak kontrolatzen ez badira, hilketa horiek sistematikoak direla onartzen ez bada, belaunaldi berriak eta buruzagi politiko berriak babesten ez badira. Ezkerreko buruzagi eta hautagaiak hiltzea soka luzeko tradizioa da Kolonbian, XIX. mendetik. Bai, erosi ezinen hilketa, eztabaida demokratikoa galarazteko, herriaren tragedia handia izan da, buruzagi handiak galdu ditugu: Rafael Uribe, Eliecer Gaitán... Konstantea da gure historian. "Kolonbiako bake prozesuak ez du aurrera egingo talde paramilitarrak kontrolatzen ez badira" Zer ezberdintasun ikusten duzu M-19ren orduko bake prozesuaren eta egungo FARCenaren artean? Munduan giza eskubideen unea da eta M-19k izan ez zuen nazioarteko bultzada handia izan du azken honek. Egungo bake prozesuan mugimendu armatuaren sorreran dauden gaiak eztabaidatzen ari dira, akordioak aurrera egiten badu herrialdea aldatzeko aukerak zabalduko dira. Hala ere, prozesu hau duela 27 urte gertatu izan balitz sufrimendu handia aurreztuko genuen. Harrigarria egiten zait egun FARCeko buruzagiak ikustea garai batean Carlos Pizarrok emandako argudio batzuk ematen, orduan eurek kontrairaultzailetzat gaitzetsitako argudioak. Bestalde, M-19ren desmobilizazio prozesuak bidea ireki zuen beste zenbait mugimendu desmobilizatzeko, Kolonbian, El Salvadorren eta Guatemalan. Nazioarteko babesa eta kontsentsua gorabehera, nola interpretatzen duzu Kolonbiako gizarteak erakutsitako axolagabekeria eta erreferendumean ezetzaren ustekabeko garaipena? Ez zuen ezetzak alde handiz irabazi, gainera %64ko abstentzio harrigarria egon zen. Eliza kristauek bake prozesua gaitzetsi dute, tamalez, eliza katolikoak bake prozesua lagundu zuen, baina gero jarrera epel penagarria hartu zuen. Eskuin muturrak indar handia egin zuen ezetzaren alde eta gobernuak, berriz, huts egin zuen akordioak gizarteratzeko lanean. Egia, justizia eta adiskidetzea hitzetatik zeintzuk falta dira Kolonbian? Denak: justizia falta dugu, zigorgabetasun endemikoa dugulako; bakea falta zaigu gerran gaudelako oraindik, hilketak ez baitira bukatu. Agian berradiskidetzea da gutxien falta zaiguna, baina sektore askotatik etorri behar da hori, ez bakarrik biktimengandik. Zer orbain utzi du gerrak zugan? Gogoan marka asko izan dira, aldarte oneko emakumea naiz baina aktiboa ere bai, ez dut bilatzen jarrera eroso batean kokatzea. Sakrifizio pertsonalak dakartza horrek, izan ere, 40 urte inguruko ama naiz eta bizitza lasaia estimatuko nuke, baina Kolonbia ez da herrialde lasaia, ez da erraza, hori da jaso dugun oinordekotza mingarria. Gure haurrek herrialde ezberdina jasotzea da gure ametsa eta isiltzea ez da aukerarik onena, ezin diegu irabazten utzi sarraskitu gaituztenei. Oroimenak eta erresistentziak ahalbidetu digute jarrera kritikoz behatzea, sormenez eta zuzentasunez jardutea. Gu ez gara inoiz izango haiek bezalakoak.
news
argia-60faf85532f6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/emakume-grebalari-eta-intsumisoak.html
Emakume grebalari eta intsumisoak
Juan Mari Arregi
2017-11-12
Emakume grebalari eta intsumisoak Euskal Herrian, beste herri askotan bezala, greba ugari izan da historian zehar, aldarrikapen ekonomiko, laboral, sozial eta politikoak helburu. Oraintxe bertan badira hainbat greba martxan, enpresen itxierak direla-eta lanpostuak defendatzeko. Ez dira gutxi pentsatzen dutenak greba eginez denbora eta dirua baizik ez dela galtzen, ez dela ezer lortzen. Baina errealitateak berriz ere beste zerbait erakutsi digu. Bizkaiko zahar etxeetako grebalariek ia bi urtez erakutsitako irmotasuna, erresistentzia, duintasuna, antolaketa, koordinazioa eta intsumisioa dira horren adibide. Erakutsi dute greba dela kapitalaren aurrean belaunikatzen ez den giza duintasunaren espresioa, eta horrez gain, efikaza bezain errentagarria ere izan daitekeela. Sektore honek intsumisioa eraman du aurrera, ez da patronalaren eta Bizkaiko Aldundiaren xantaiaren aurrean kikildu, eta azkenean bi urtez mobilizatzen eta greban ibili ondoren, behar bezalako akordioa lortu dute, euren aldarrikapen ia guztiak betetzen dituena: lan-hitzarmenak 2020 arte irautea, hilean 140 euro gehiago jasotzea, urtean 200 ordu gutxiago lan egitea, lan istripua gertatuz gero edo laneko gaixotasunen bat izanez gero ekonomikoki ez zigortzea soldataren %100 kobratuz... Nabarmentzekoa da greba hau ia gehienean emakumeek egin dutela. Ñabardura garrantzitsua da, garaipen ekonomiko eta sozialaz gain, garaipen feminista ere badelako; sistemak otzan eta isilik nahi baitzituen. Greba luze eta eraginkorrarekin menderakaitz bihurtu dira patronalaren eta Aldundiaren presioaren aurrean. Irakasgai ederra gizonontzat!
news
argia-b99408ece2d3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/ivan-miro-acedo.html
"Errepublika bat ez da aldarrikatzen, eraiki egiten da"
Estitxu Eizagirre
2017-11-12
"Errepublika bat ez da aldarrikatzen, eraiki egiten da" Bartzelonan jaioa 1975ean, kooperatibagintzan dabil buru-belarri: Sants auzoko Ciutat Invisible liburu denda kooperatiboa sortu zuen eta Katalunia osoan aritzen da proiektu kooperatibo eraldatzaileak sustatzen, interkooperazioa lantzen, erakunde publikoekin elkarlan bideak bilatzen... Kataluniaren independentzia helburu baino tresna da ekonomia sozialeko aktibistentzat, eta prozesu konstituziogilea demokratikoki eta behetik gora egin beharra azpimarratu du: "Herritarrek erabaki dezatela nolako ekonomia izan behar dugun". Kataluniako Ekonomia Sozial Solidarioko erakunde eta kideek manifestua atera zenuten urriaren 1eko erreferendumarekin bat eginez. Zer lotura du ekonomia sozial solidarioak independentzia prozesuarekin? Ekonomia sozial solidarioa, ekonomia ulertzeko bere moduagatik da demokratikoa, autoantolatua, autodeterminazio ekonomikoaren aldekoa, eta beraz, lotura oso zuzena du Kataluniaren autodeterminazio prozesuarekin. Baina hori ez da ekonomia sozial mugimendu osoa. "Guk independentzia nahi dugu gizartea eraldatzeko. Independentzia ez da helburu, bitarteko baizik. Beharrezko ikusten genuen erdigunean eztabaida batzuk jartzea, debate markoa kontu identitariotik edo nazionalistatik zabaltzeko" Kataluniako ekonomia sozial solidarioko aktibista batzuontzat garrantzitsua zen gure kooperatibek eta espazioek babesa adieraztea independentzia prozesuari. Eztabaida nazionala gai sozialera bideratzeko modua ere bazen. Guk independentzia nahi dugu gizartea eraldatzeko. Independentzia ez da helburu, bitarteko baizik. Beharrezko ikusten genuen erdigunean eztabaida batzuk jartzea, debate markoa kontu identitariotik edo nazionalistatik zabaltzeko. Baita ere ikusten dugu prozesu konstituziogile demokratiko bat egon behar dela, herritarren osotasunak erabaki dezan nolako ekonomiak antolatuko dituen gure beharrak. Trantsizioko itunak, 78ko Erregimenak, monarkiaren gaineko kontsentsuak, merkatu ekonomiak, estatuaren batasunak... horrek ez du baimentzen eztabaida konstituziogilerik, ekonomia eztabaidagai duenik. Indarrean dagoen ekonomia kapitalista da eta publikoa hainbat kasutan. Kito. Guretzat Kataluniaren askapen prozesua aukera bat da eztabaida sozial hau planteatzeko. Zer eredu sozioekonomiko nahi dugun, nola antolatu nahi dugun ekonomia. Eztabaida sozial hori egin al da orain arte, edo orain da garaia? Une honetan herritarren zati handi batek ekonomiaz eztabaidatzeko beharra du. Ikusi dugu hainbat eragile ekonomikoren jokaera zein izan den Katalunia eta Espainiaren arteko azken krisian. Zer jokaera duten kapital handiko enpresek, La Caixak, Ibexeko enpresek, ADN kataluniarra duten kapitalismoaren operadore handiek... Kataluniako goi klase burgesak Espainiako merkatu batu baten alde daude. Eragile ekonomiko hauek egin duten xantaia politikoak ekarri du herritarren zati handi batek eztabaidatzeko beharra sentitzea, beste eredu ekonomiko batzuen inguruan jakin mina piztea. Eta guztion onerako eta herrialdearen zerbitzura egongo den ekonomia izateko premia larria sentitzea. Eragile ekonomiko horiek herria esplotatzen aritu dira, baliabideak xurgatzen, prekarizatzen, La Caixa eta Sabadell dira etxe-kaleratzaile nagusiak, Kataluniako langile klasea odolusten ari dira, eta langile klase kataluniarrak gehien behar dituenean babes politiko, ekonomiko eta sozialak, hartu eta martxa? Beste enpresa komertzial batzuk ere badoaz, merkatu kuotak galtzera gainera! Hau ekonomiaren ikuspegi erabat instrumentala da. "Saiatuko gara Kataluniako Errepublikak prozesu konstituziogilean izan dezan debate sozioekonomikoa, errepublikarentzat nolako eredu ekonomikoa nahi dugun lantzeko" XESetik (katalanez Ekonomia Solidarioaren Saretik) adostu dugu sustatuko ditugula ahalik gehien eraldaketa sozioekonomikoko eszenategiak, egungo testuinguruan. Saiatuko gara Kataluniako Errepublikak prozesu konstituziogilean izan dezan debate sozioekonomikoa, errepublikarentzat nolako eredu ekonomikoa nahi dugun lantzeko. Adostasun horren barruan badaude kontu zehatzagoak: nola erraztu CDRek izan ditzaten eztabaidak ekonomia konstituziogile gakotan. CDRak kalea defendatzen ari dira gehiago, herri botere politikoagoa da, baina interesgarri iruditzen zaigu herri botere ekonomikoa ere izan daitezela. Zabaldu ditzatela alternatiba ekonomikoak, beren udalerrietan planteatu ditzatela zein proiektu ekonomiko sustatu nahi dituzten eraldaketa soziala azkartzeko. CDRetako jardunaldi batean ari ziren adierazten prozesu konstituziogilean partaide izan behar dutela, konstituzio berria herritarrek egina izango dela bermatzeko, eta herritar batek publikotik ezbaian jarri zuen, "indarrak banatzea zela, horretarako daudela alderdi politikoak, Òmnium eta ANC". "Hau da Kataluniako Errepublika proiektuak orain duen ahulezia nagusia: errepublikaren errepresentazio baten aldeko apustua egin dela, baldintza materialak sortu gabe berau aplikatua, garatua eta eraikia izan dadin" Debate horrek adierazten du errepublikaren planteamendu liberalaren ahulezia. Ikuspegi liberalaren arabera, errepublika aldarrikatu egiten da, prozesu juridiko bat da, goitik eraikia, konstituzio eta aditu batzuekin. Hau da errepublika liberalaren ikuspegia dutenen eredua. Eta hori da bere ahulezia nagusia. Zeren errepublika bat ez da aldarrikatzen, eraiki egiten da. Harreman material bat da, ez harreman juridiko bat. Zuk ez baduzu indar material errepublikarrik, errepresentazio modu bat soilik eratzen baduzu oinarrian ezer izan gabe, ezingo duzu errepublika altxa. Hau da Kataluniako Errepublika proiektuak orain duen ahulezia nagusia: errepublikaren errepresentazio baten aldeko apustua egin dela, baldintza materialak sortu gabe berau aplikatua, garatua eta eraikia izan dadin. Guk beti aldarrikatu dugu prozesu konstitugile bat ez dela formala, materiala baizik. Prozesu konstituziogilea egin behar da gako herrikoian, sozio-ekonomia gakoan, indar materialen korrelazioen gakoan, klase gakoan, ekonomiaren jabetze kolektiboan... edo garatzen da ekonomia kolektibista, demokratikoa eta guztion onuraren zerbitzura dagoena, edo ez da errepublikarik izango. "Hemen bada ohiko parte-hartzetik kanpo dagoen herritarren zati bat, migranteen kolektiboa, auzo askotan %20 dena, eta garrantzitsua da jende hau subjektu aktiboa izatea nazio eraikuntzan" Prozesu konstitugilea anitza izan behar da, behetik eraikitakoa, eta Katalunia osoan dagoen aniztasun territorial, sozial eta politiko osoa integratzen duena. Hemen bada ohiko parte-hartzetik kanpo dagoen herritarren zati bat, migranteen kolektiboa, auzo askotan %20 dena, eta garrantzitsua da jende hau subjektu aktiboa izatea nazio eraikuntzan. Faxismoak erasotzen dituen lehenak dira... euren eskubideen urraketei ez badie erantzuna ematen prozesu konstituziogileak ere, arazo handia izango da. Garrantzitsua da espazioak irekitzea, prozesu konstitugilea plurala izan dadila. Eta debate sozialerako legitimatu daitezela ireki diren espazio politiko guztiak: prozesu konstituziogilea ezin da izan trantsizio nazionalerako espezialisten komisio huts bat, hori errepublika liberalaren proiektua da. CDRak (katalanez sorreran Erreferendumaren Defentsarako Komiteak eta orain Errepublikaren Defentsarako Komiteak) legitimatu behar dira egitura berri bezala: txikiak eta xumeak dira, baina sarean antolatuta daude eta mobilizatzeko gaitasuna dute. Proposamenak egiteko eta erabakiak hartzeko espazio izan behar dute CDRek. Lehenik, ikusgarri egin behar dira erreferenduma defendatzeko borroka egin duten eragile guztiak eta eragile horiek guztiek eraiki behar dute errepublika. Nekazariek, beren traktoreekin, planteatu behar dute nekazaritza eta lurralde eredua, eta gainerako dena ere bai. Errepresioa jasaten ari dira, Madrilgo Nekazaritza mahaitik bidali dituzte eta 30 milioi euroko diru-laguntzak izoztu dizkiete. Suhiltzaileek parte hartu dute, bada haiek ere erabaki behar dute zer errepublika nahi duten, nolako zerbitzu publikoak nahi dituzten... eskoletako irakasleek dena eman dute erreferendumean, eurek planteatu behar dute hezkuntza eredua, eta erreferenduma babesteko aktibatu den hezkuntza eredua, eredu publikoa izan da, oinarritik lanean ari dena. Eskoletako gurasoak, kooperatibak, kontsumo elkarteak, zamaketariak... Erreferenduma harrigarria izan zen, auto-antolaketa gaitasun handia erakutsi zuen, masan egina eta desobedientzian oinarritua. Europan azken urteetan egin den esperientzia indartsuenetakoa izan zen. Baina urriaren 3ko greba orokorrari ere eman behar zaio izan zuen balioa. Greba orokorraren asanbladan eragile guztiak geunden elkartuta, eta hori ere botere konstituziogile eraldatzaile indartsua da, eredu politiko-ekonomikoaren aldaketarako oinarria ziren asanblada haiek. Horiek dira artikulatu behar ditugun espazioak. Hortik atera behar du konstituzioak. Hori nola egiten da? "Eragile politikoek errepublika materialki eratzeko fase honetan parte hartu dezakete zerbitzuak munizipalizatuz" Paper idatzia badugu: XESen zehaztua dugu nolakoa izan beharko lukeen ekonomia sozialaren legeak, eta hortik atera daiteke nolako ekonomia eredua eraiki dezakegun. Baina hori dena papera da, ez da nahikoa. Ekonomia solidarioaren saretik ikusten dugu prozesu konstituziogilean badagoela guztiontzako lana. Adibidez, eragile politikoek errepublika materialki eratzeko fase honetan parte hartu dezakete zerbitzuak munizipalizatuz: Bartzelonako Urak agentziak bere egoitza soziala aldatzen badu, Barcelona En Comúk, aldaketaren hiriek eta abarrek ur enpresak munizipalizatu ditzakete, adibidez. Hau nazio gakoetan eginiko debate bat da? Bai. Baina batez ere, entitate berri bat materialki eraikitzeko modu bat da, kolektibista eta demokratikoa. Egungo eszenategian, XESetik argi dugu mundu guztiarekin egin behar dugula lan. Bildu behar gara Òmniumekin, ANCrekin, eta debate ekonomikoa planteatu behar diegu. Baina baita Barcelona en Comúrekin eta bere inguruko organoekin ere, debate konstituziogileak planteatuz. Eremu sozioekonomikoan aurrera egiteko eremu handia dago. Ez dakit zergatik ez den banku publiko bat egin errepublika aldarrikatu eta biharamunean, edo zergatik ez zen lehenago egin! Argazkia: Victor Serri. Alderdi politiko independentistak prest egon daitezke horrelako prozesu konstitugile herritar bat egiteko? Edo eliteen indarra gailenduko al da? Uste dut denok oso eskuzabal jokatu behar dugula une honetan. Agian egongo dira hau ontzat ikusiko ez duten PDeCAT-eko fanatiko liberalak, baina uste dut gutxiengoa izango direla. Bloke soberanista kontziente da zer aliantza egin diren azken hilabeteotan eta mundu osoak eman duen guztiaz, eremu denetan. Proiektu kolektibo bat izan da, kolektiboki jaso behar duena bueltan. CUP, Podem eta ezker antikapitalistako sektoreek babestuko dute, baina nik uste dut ERCk ere ohore egin behar liokeela bere genealogia errepublikar, kolektibista eta demokratikoari, eta sozio-ekonomia gehiago eraldatuko duen prozesu bat babes dezakeela. Ezkerreko jendearentzat errepublika edukiz betetzea da interesgarriena, baina erreferendumaren aurretik eta orain arte, errepresioari aurre egitera bideratu behar izan dira indar asko. "Agertoki antierrepresiboa ez da ilusionagarria. Beldurrak atzera eginarazten du edo erresistentzia eremuak sorrarazten ditu. Gure ekarpenak eraikitzea izan behar du" Agertoki antierrepresiboa ez da ilusionagarria. Beldurrak atzera eginarazten du edo erresistentzia eremuak sorrarazten ditu. Ekonomia sozial solidarioa atzeguardia da, beti eraikitzen saiatzen dena. Gure ekarpenak eraikitzea izan behar du. Baita erresistentziarako erremintak sortzea ere: dirua bilatu behar bada gai batzuk finantzatzeko edo zaintza kolektiboko espazioak sortu behar badira. Atzeguardiako eztabaida hau planteatu behar da, beti ere alternatiba eraikitzeko asmoz, ez erantzun bat emateko soilik, baizik, sinesten dugulako defendatzen ari garen gizarteak horrela funtzionatu behar duela.  Estatu egiturarekin beti kritiko izan direnek estatu eredua landu behar dute orain. Askotan errezeloz begiratu diogu estatuari, estatuak bereganatzen zuelako "Sozialki eta politikoki antolatzeko beste modu bat sortu behar dugu. Espainiako monarkiaren kopia bat egiteko, zentralista, goitik beherakoa, kapitalista... zertarako independentzia?" kolektiboki ekiteko daukagun gaitasuna. Ez zaigu interesatzen ekimen kolektiboak monopolizatuko dituen estatu hori. Ahalik eta egitura deszentralizatuena interesatzen zaigu, munizipalismoa bultza dezala, tokiko burujabetza oso garrantzitsua baita. Ikas dezagun beste eredu batzuetatik: Kurdistango konfederalismo demokratikoak baditu ezaugarri interesgarriak, baita Hego Amerikako konstituzioek ere: botere bikoitza, herritarren parte-hartze espazioak, bestelako arkitektura politikoak... sozialki eta politikoki antolatzeko beste modu bat sortu behar dugu. Espainiako monarkiaren kopia bat egiteko, zentralista, goitik beherakoa, kapitalista... zertarako independentzia? Independentzia aldarrikatu ostean beste fase batean sartu da Katalunia. Zer dator? Epe ertain-luzeko eszenategian sartu gara. Zailtasunez betetako hilabete edo urteak etorriko dira. Gutxieneko eskubide demokratiko batzuk bermatu ahalko direla espero dugu, politikoak eta zibilak, antolatzen jarraitu ahal izateko. Hau da ekonomia sozial solidarioak duen beste arrazoi bat prozesu konstituziogilea babesteko, monarkia espainiarrarekin alternatiba ekonomiko bat aurrera ateratzea oso zaila baita. Klandestinitatetik –erreferenduma egin zen bezala– jarriko dituzu martxan kooperatibak? Gehitu nahi duzunik? "Guretzat oso polita izan da Euskal Herriko ekonomia sozial eraldatzailearen babesa (Olatukoop), ulertu dugulako elkarrekin ari garela eraikitzen errepublika kooperatibo, solidario eta eraldatzaile bat" Asko eskertzen dugu Euskal Herritik jaso dugun elkartasun guztia. Benetan hunkigarria izan da. Beti egon da elkartasun hori, eta uste dut gero eta gehiago ari garela elkarrekin ikasten. Guretzat oso polita izan da Euskal Herriko ekonomia sozial eraldatzailearen babesa (Olatukoop), ulertu dugulako elkarrekin ari garela eraikitzen errepublika kooperatibo, solidario eta eraldatzaile bat. Guretzat oso garrantzitsua eta hunkigarria izan da kidetasun hau. Baita Espainiako Estatuko beste sektore batzuekin izandakoa ere: REASek komunikatu batean Kataluniaren autodeterminazioa babestu du, eta zoragarria da estatutik termino horietan planteatzea gaia, Andaluziako SAT sindikatua, Madrilgo antikapitalistak, eta noski, Valentzia, Mallorca... kidetasun errepublikano hau aitortu eta eskertu behar da. EKONOMIA SOLIDARIOA INDARTSU KATALUNIAN "Oinarrizko faktore hauek eragin dute ekonomia sozial solidarioak Katalunian zentraltasun handiagoa izatea, gehiago ikustea, bere buruaren kontzientzia handiagoa izatea, aurreko ziklo ekonomiko-politikoarekiko. Bata, noski, krisi ekonomikoa: ase gabeko behar berriak sortu ditu, eta proiektu ekonomiko berrien oinarrian dagoen energiaren modukoa da. Beste elementu bat da mugimenduak soziopolitikoki artikulatzeko duen gaitasuna: antolatzen aritu da eta gero eta ikuspegi estrategiko handiagoa izan du, ez direla merkatuan lehiatzeko garatzen diren kooperatiba solte hutsak; sektorearen zati batek, ekonomia sozial solidarioak, badu eraldaketa sozialaren ikuspegi estrategiko bat. Antolaketa estrategiko hau handitzen joan da azken hiru-lau urteetan. Ekonomia sozial solidarioaren zati batek ikuspegi politiko bat ere landu du, nola esku hartu erakundeetatik ekonomia sozial solidarioa sustatzeko, zer funtzio dagokion herriko administrazioari edo autonomikoari... Erakundeetan, ziklo munizipalista izan da, eta honen sustraiak hainbat erro ditu, bata M15, CUP... ziklo munizipalistak eragina izan du ekonomia sozial solidarioan. Lehen ekonomia sozial "konbentzionala" soilik sustatzen zen, "langabetuek kooperatibak edo elkarte laboralak sortzeko...", eta orain, udal askotan ulertzen da ekonomia sozial solidarioa eremu sozio-ekonomiko oso bat dela,  eta badituela forma soziolaboral formalagoak eta beste batzuk komunitarioagoak. Eta badago apustu bat sustatzeko eremu sozioekonomiko hau, ekonomia pluraleko marko baten barruan. Horrek dakar herrietan ekonomia sustatzerakoan ez soilik kapitalismoa bultzatzea. Erakundeetan ere independentzia prozesuak indar soberanisten arteko indar harremanak eraldatu ditu: aurreko legegintzaldian CIU hegemonikoa zen ekonomia eremuan, eta honek bere ondorioak zituen ulertzen zelako kooperatibek beren burua eraldatu eta egokitu behar zutela marko ekonomiko orokorrera. Eta gobernu berriarekin, ERC-k du ekonomia sozialaren eskumen politikoa. Haiek ekonomia sozialaz hitz egiten dute, ez solidarioaz. ERCk ez du oraindik bere ikuspegia eredu osoenera ireki, eredu tradizionalean jarraitzen du. Baina apustu sendoa egin du kooperatibismoa sustatzeko, Ateneo Kooperatiboen proiektuarekin. Ikusiko dugu hau guztia zertan geratzen den, Generalitat kolonialaren garai honetan. Eroriko ote den beldur gara".
news
argia-8974ca69873a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/baserriko-uzta.html
Etxaldeak oholtza
Garazi Zabaleta
2017-11-12
Etxaldeak oholtza Nork dio kontzertuetarako toki egokienak antzoki handiak direnik? Zergatik ez hurbildu gure kulturaren zati garrantzitsu diren musikariak gure kulturaren beste zati garrantzitsu diren baserrietara? Galdera horiei erantzuna emateko asmoz sortu du Baserriko Uzta ekimena EHKOlektiboak, Paperezko Kontzertuak eta Zuzeu albistari digitalaren laguntzarekin. Urtaro bakoitzeko musikari baten kontzertua antolatu dute Euskal Herriko hainbat baserritan. Azaroan eman diote hasiera proiektuari. Musikaren bidez baserriko ateak zabaltzen Ekologikoan ekoizten duten baserritar txikiak ez ezik, baserritar horien lanarekiko atxikimendua duten herritarrak ere biltzen dira EHKOlektiboan. Baserriko Uzta ekimenaren ideia herritarrek osatzen duten lantaldetik atera zela azaldu du Josebe Blanco elkarteko kideak Euskadi Irratian: "Kolektiboan gauza interesgarriak egiten ari ginen barrura begira, baina lanketa hori guztia nolabait kaleratu behar genuela ikusi genuen. Eta nola hobeki modu ludiko batean baino?". Ez dira kontzertu soilak izanen. Kontzertu aurretik hurbildutakoek baserria bisitatzeko eta bertako lanak hurbiletik ezagutzeko aukera izanen dute. Etxaldeetan zer eta nola egiten duten erakustea da helburua, herritarrak baserrira hurbiltzea. "Gure etxeetan kulturak presentzia handia dauka. Lanean ari garenean, ukuiluan edo gazta egiten, beti hor dago musika", dio elkarteko partaide eta ekimeneko lehen kontzertua jasoko duen baserriko kideak. Urtaroz urtaro, herrialdez herrialde Lau kontzertu antolatu dituzte Baserriko Uzta ekimenaren barruan. Azaroaren 4an izan da lehenengoa, Blancoren Antzuolako (Gipuzkoa) Pikunieta baserrian. Anariren kontzertuaz gozatu ahal izan zuten udazkeneko uztara hurbildu zirenek. Hurrengo uzta, negukoa, Etxarri-Larraungo (Nafarroa) Arbegain baserrian izanen da otsailean: Beltxaren Bikotea arituko da bertan. Rafa Ruedak hartuko du parte udaberriko uztan; maiatzean emanen du kontzertua Urduñako (Bizkaia) Santa Clara baserrian. Azkenik, Mikel Urdangarinek itxiko du egitaraua, uztailean Arbonan (Lapurdin) emanen duen kontzertuarekin. "Jende gazte asko ari da izena ematen, eta horietako asko ez lirateke baserrira hurbilduko bestela. Baserriarekin printzipioz interes handirik ez duten gazteak gerturatzeko modu bat izan daiteke ekimena", dio Blancok. Ongi etorriak izan bitez baserriarekin berradiskidetuko gaituzten ekimen guztiak.
news
argia-1c0f02b4af2e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/peio-monteano.html
"Euskara Nafarroako historian funtsezkoa izan da, eta bada"
Ane Eslava Serrano
2017-11-12
"Euskara Nafarroako historian funtsezkoa izan da, eta bada" Peio Monteano Sorbet historialari eta soziologo nafarrak ibilbide luzea du euskararen ikerketan. Oraingoan, frogatu du Aintzinarotik heldu zaizkigun dokumentuak gaztelaniazkoak izan arren, Nafarroan hitz egiten zen hizkuntza euskara zela. Dokumentu horiek izozmendiaren punta baino ez zirela, alegia. Navarrorum erakusketa antolatu du: balio handiko 36 pieza ikusgai jarri ditu, Nafarroako Artxiboan. "Kalte ordainketaren erakusketa" dela adierazi du. Euskarazko lehenengo testuak Pizkunde garaikoak izan zirela uste izan bada ere, lehenagokoak direla frogatu duzue. Orain arte uste genuen euskarak ahozkotasunetik liburu inprimatura salto zuela, eskuizkributik pasa gabe. Azkeneko aurkikuntzek erakutsi dute Erdi Aroan dagoeneko euskarazko idazkiak zeudela. Ozta-ozta ikus ditzakegu, baina ez dugu inprentaren agerpenera arte itxaron behar. Euskara garai hartan idazteko erabiltzen ez bazen, nola heldu zaizkigu orduko idazkiak? Beste hizkuntzetako testuen bitartez. Latineko testuetan iragazi zen euskara, pertsonen eta jainkoen izenetan, batik bat. Horiek dira hizkuntzaren aldaketen aurrean gehien irauten duten elementu kulturalak; herri askotan, euskarazko izenek lurrari lotuta iraun dute. "Atera dugun ondorioa da %80k euskaraz hitz egiten zuela" Hitz egiten den hizkuntza ez idazteak historiaren manipulazioa ekar dezake? Manipulazioa baino gehiago, akatsak eragiten ditu. Historialariok bi akatsetan erori ohi gara: batetik, idazkiak bizitza sozialaren erakusgarriak direla pentsatzea; eta bestetik, idazten den hizkuntza eta hitz egiten dena parekatzea. Hori ez da zuzena. Izan ere, herritarrek erabiltzen duten hizkuntza dago, idazten ez dena; eta beste hizkuntza batzuk daude, asko idazten direnak eta ia inork erabiltzen ez dituenak. Akats horiek idatzizkoaren begitazioa sortzen dute: idazten ziren hizkuntzak hitz egiten zirela pentsatzea. Iragazi ziren testuek erakutsi dute XVI. mendean Nafarroako populazioaren gehiengoak euskaraz hitz egiten zuela. XVI. mendean leherketa dokumental bat egon zen, garai hartako milaka dokumentu ditugu. Horri esker, estatistikako ikerketak egin daitezke eta kristal lausotu horren atzean zer dagoen ikusi. Garai hartako itzultzaileei esker ikusi ahal izan dugu: eskribauen belaunaldi batek jasota utzi zuen auzietako lekukoekin zein hizkuntzatan hitz egiten zuten. Atera ditugun ondorioak dira Nafarroako populazioaren %80k euskaraz hitz egiten zuela, eta gainera, %50 elebakarra zela. Hau jakinda, galdera sortzen zaigu: XVI. mendeko egoera hori bazen, aurretik zer egon zen? Izan ere, hizkuntzak ez zuen hobera egin denboraren joanarekin... Horrek erakusten du konkistak ez zuela hizkuntzaren kolonizazioa ekarri. Ikerketaren ondorioetako bat hori da. Konkista okupazio militarra izan zen, baina ez zuen kulturaren kolonizazioa eragin. Gaztelaniari prestigioa eman zion; hala ere, aurreko egoeran administrazio hizkuntzak nafar erromantzea eta biarnesa ziren, erregeek ez zuten euskaraz hitz egiten. Beraz, euskararen egoera ez zen aldatu. Peio Monteano berak antolatutako 'Navarrorum' erakusketa iragartzen duen kartelaren ondoan. Argazkia: Ane Eslava. Zein izan zen inprentaren eragina? Inprentak, Europako haustura erlijiosoarekin batera, iraultza eragin zuen hizkuntza guztietan. Liburuak sortzea ahalbidetu zuen, askoz ere merkeagoak, eta kopuru handietan. Baina irakurleak eduki ahal izateko, liburuak irisgarria behar zuen izan. Horrek hizkuntzen estandarizazioa bultzatu zuen. Hizkuntza estandarra zein izango zen erabakitzeko bi aukera zauden: lehenengoa, hizkuntza batu bat egitea; eta bigarrena, dialekto bat aukeratzea eta hori ezartzea. Euskararen kasuan bigarrena aukeratu zuten, eta goi nafarrera ezarri. Bestetik, Iparraldean ez zeuden inprentak, eta Hegoaldean, soilik Iruñean. Horregatik, Iruñea nukleoa bilakatu zen. Zein izan zen euskalkien bilakaera? Euskalkiekin zalantzak ditugu. Dialektologoek Erdi Aroan kokatzen dute dialektoen dibertsifikazioa, oso berandu. Esaten dutenez, dibertsifikazioa gertatu zen lurraldeak Nafarroatik politikoki bereizten joan ziren heinean. Horrek galdera sortzen du: zerk mantendu zuen euskara batuta horrenbeste denbora? Hizkuntza ofiziala izan gabe, inposatu zuen autoritaterik gabe, errege akademiarik gabe eta idatzizko tradiziorik gabe... Halako zalantzak sortzen zaizkigunean pentsatzen dugu agian ez garela euskararen historia osoaz jabetzen ari. Zer eragin izan zuen euskaran XVIII. mendeko zentralizazio prozesuak? XVIII. mendearen erdi aldean euskararen gainbehera eta gaztelaniaren aldeko eskaria hasi ziren. Hezkuntzaren zabalkuntzak, kulturaren bateratzearen aldeko neurriek eta nazionalismoak euskararen gainbehera eragin zuten. Hizkuntzari kalte handiena egin zion prozesua hezkuntzaren hedapena izan zen. Eliteek bultzatu zuten, eta lehenik gizonena eta elitista izan zen, ondoren gizonena eta, azkenik, emakumeena; emakumeak izan ziren euskara gehien mantendu zutenak. Hezkuntza klase apalentzat eskuragarria izaten hasi zenean, euskaldun elebakarren kopuruak behera egin zuen. Emakumeek eta gizonek modu ezberdinean bizi izan zuten gaztelaniatze prozesua? Emakumea etxean zegoenez, prozesu hori gizonen artean eman zen, gaztelania mundu publikora igarotzeko tresna zelako. Gainera, ordura arte ez zegoen hezkuntza publikorik, horregatik balioak etxean transmititzen ziren, emakumearen monopolioan. Haurrak etxetik ateratzean, ordea, emakumearen hezitzailearen paperak indarra galdu zuen. Euskara arlo pribatuan geratu zen, arlo publikotik bota zuten: hiritik, saltokietatik, kulturatik. "'Kalte ordainketaren erakusketa' egin nahi izan dugu, hemen ez delako horrelakorik egin" Zer gertatu zen handik aurrera? XIX. mendean kultura bateratzearen aldeko ereduak hizkuntza bakarra jarri zuen erdigunean. Euskarak aldekoen eta kontrakoen arteko talka pairatu zuen, baita auto-gorrotoaren fenomenoa ere. Jende asko euskaratik urruntzen zen, euren jatorri umiletatik urruntzeko; euren hizkuntzaren etsai nagusiak bilakatu ziren. Estatusa bilatzen zuten, euskara nekazarien, baserritarren, neskameen hizkuntza zelako. Eskoletan euskara zapaltzen zuten eta familiek txalotzen zuten. Hau guztia erakutsi nahi izan duzue Navarrorum erakusketan? "Kalte ordainketaren erakusketa" egin nahi izan dugu, nolabait. Hemen ez delako egin gai honi lotutako erakusketarik, hein handi batean interes politiko-kulturalik egon ez delako. Nafarrei erakutsi nahi diegu euskara Nafarroako historian funtsezkoa izan dela, eta oraindik ere hala dela. Ohorea ere transmititu nahi diegu, honek erakusten duelako mundu euskaldunaren ardatza Nafarroa izan dela. Gure lehenengo helburua da erakusketaren edukiak nafarrei helaraztea, baina gure mugetatik at hedatzeko aukera ere probestuko dugu. Askotan kanpotik etorri behar direlako hemen daukagun altxorraren balioa gogoraraztera.
news
argia-346fa6187a86
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/21000-pertsonak-parte-hartu-dute-igandeko-herri-kontsultetan.html
21.000 pertsonak parte hartu dute igandeko herri kontsultetan
Miren Osa Galdona
2017-11-06
21.000 pertsonak parte hartu dute igandeko herri kontsultetan 21.027 herritarrek bozkatu dute Gure Esku Dago plataformak hamahiru herritan antolatutako galdeketetan, batez beste eskubidea zutenen %13k. Aurreko galdeketekin alderatuz, parte hartzeak behera egin du. Hala ere, Zelai Nikolas bozeramaileak emaitzen gainetik, "mesfidantzak uxatu eta konplizitateak josten jarraitzea" azpimarratu du. Emakumeak izan ziren bozkatzen lehenak. Gure Esku Dago dinamikak 1933ko azaroaren 5ean lehen aldiz bozkatu zuten emakumeak omendu nahi izan zituen. Egunak aurrera egin ahala, herritarrak, hainbat eragiletako ordezkariak eta politikariak izan dira. Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahalduna, besteak beste. Galderari dagokionez, ez zen galdera bateratua izan: Herri burujabe bateko herritar izan nahi duzu? Euskal Herri independente bateko herritar izan nahi duzu? Edo, euskal herritarrek euren etorkizun politikoa euren kabuz eta modu askean erabakitzea nahi duzu? Izan ziren galderak. Parte hartzearen emaitzak hauek dira, herriz herri: Andoainen %16,5, Areatzan %45, Atxondon %31, Beizaman %44, Berangon %16, Erandion %10, Elantxoben %53, Galdakaon %13, Getxon %11, Mundakan %41, Ibarrangelun %57, Leioan %9, eta Otxandion %47. Zelai Nikolas bozeramaileak adierazi du izugarria dela lortzen ari direna. "Emaitzak gorabehera, mesfidantzak uxatzen eta konplizitateak josten ari gara". Jarraitu beharreko bidea horixe dela nabarmendu du; "desberdinen artean lan egiten". Kataluniako erabakitzeko eskubidea jarri du adibide moduan. Bederatzi herritan Katalunian urriaren 1eko  erreferendumean erabilitako hautetsontziak jarri dituzte, "elkartasun keinu" moduan. Hemen Gure Esku Dagok eman dituen partehartze datuak:
news
argia-12fabfa0e2fc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/xi-jinpingekin-txinan-belaunaldi-berezi-batek-sendotu-nahi-du-agintea.html
Xi Jinpingekin Txinan belaunaldi berezi batek sendotu nahi du agintea
Pello Zubiria Kamino
2017-11-12
Xi Jinpingekin Txinan belaunaldi berezi batek sendotu nahi du agintea Txinako Alderdi Komunistaren azken biltzarrak Mao Zedongen pare ipini du Xi Jinping, honen pentsamendua Lemazain Handi harena bezala ikasiko delarik eskoletan. Alderdiko idazkari nagusi, errepublikako lehendakari, armadaren buru... ulertu behar da Xi Jinpingek bere eskuetan bildu dituela Txinako botere guztiak? Munduko herrialderik handieneko aginte jokoak hainbat ikuspegitik analizatu daitezke. Belaunaldien dinamikatik aztertzeak, esaterako, asko balio dezake. Jean-Louis Rocca (1957) soziologo eta ekonomialaria irakasle da Parisko Sciences Po (zientzia politikoak) fakultatean,  Beijingeko Tsinghua unibertsitatean  zazpi urtez eskola emana da eta hainbat liburu dauzka idatzita Txinako gizarteaz eta politikaz. Uneotan bere ikerlanen gaia da " Txinako klase ertainak: kontestazio soziala eta demokratizatzeari buruzko eztabaida ". Txinera ere menderatzen duen Roccak bi artikulu mamitsu plazaratu ditu aurten Le Monde Diplomatique n, azkena Alderdi Komunista Txinatarraren biltzarraren bezperetan: " Baina zer nahi du Xi Jinpingek? ". Bertan proposatzen digu Txinari buruz zabaldu diren klitxeak aparkatu eta belaunaldien ikuspegitik aztertzea han gertatzen dena, hau da, aginte ekonomikoa eta politikoa gaur bere eskuetan dauzkan belaunaldiaren ezaugarrien arabera. Ondoko lerroek Roccarena laburbildu nahi dute. Zergatik belaunaldien analisia? "Klase sozial batean sozializatzeak pertsona bat moldatzen duen bezala –oinezko ibilkeran bezala jokabide politikoan– esperientzia berdinak eduki dituen belaunaldi batekoa izateak laguntzen du modu bateko pertsona izaten. Honetan eredugarria da Txinako elitearen kasua. Arlo guztietan, ekonomian, artean, akademian eta, noski, politikan, oso belaunaldi berezi batek dauzka gaur bere eskuetan boterearen giderrak, Xi Jinping lehendakariaren ibilbideak erakusten duenez". 1953an Alderdi Komunistako goi koadroen familia batean sortutako ume pribilegioduna, 1966-1971 urteetako Iraultza Kulturalean gogor zigortua izan zen bere familiarekin batera. Zerutik infernura une batetik bestera, asko aipatu dira Xi Jinpingen haurtzaroko trauma horiek. Hala ere, ekaitza baretu bezain laster joan ahal izan zen unibertsitatera, ondoren Alderdian karrera politikoa egiten hasteko... gailurra jo arte. Gaur Txinan 60-70 urteren bueltan dabiltzan eliteko jende gehienek beren soin eta ariman izaeraren osagai bihurtuta daramatzate garai nahasi haiek utzitako orbainak, batez ere iraultzaileen lehen belaunaldikoen ume direnek, gorri jaio direla-eta sehaskatik dagokielakoan Txinaren buruzagietarik izateko eskubidea. Belaunaldi honek gehien estimatzen duen balioa egonkortasuna da. Hezkuntzan ikasiagatik baina batik bat Iraultza Kulturalean beren larruan nozitu izanagatik, ez da ezer gehiago kezkatzen dituenik liskar politikoak baino. Horregatik, Txinaren modernizazioak behar du elite modernoa, arrazionala eta... autoritarioa. Bigarren ezaugarria, modernizazioa behar da Txinari bere loria berreskuratzeko. Modernizazioa, helburu nazionalistaz. Honetan, ordenaren obsesioan bezala, elite honek jarraipena ematen dio XX. mende osoan Txinako agintari nagusiek markatutako bideari. Txina munduaren erdian kokatu nahi dute berriro. Nahiz eta etnozentrismo honek berekin dakarren Txinaren gaur eguneko arazo larri bat: atzerrian gertatzen denaren ezezagutza handia. Beste balio zentral bat: lagunen sareak, taldeak, mundu ezegonkor eta arriskutsu batean bizirauteko hil ala bizikoak. Xi Jinpingen kasuan, bere karreraren hasieran Fujian eta Zhejiang  probintzietan antolatutako adiskide eta laguntzaile sarearekin iritsi da lehendakaritzaraino. Aginte indartsu batek aurpegia behar 90eko hamarkadatik, eliteak gero eta gehiago internazionalizatu dira: haien balioak gero eta gehiago dira  nazioarteko eliteenak, atzerrian dauzkate diruak eta ondasunak, haurrak AEBetara edo Europara bidaltzen dituzte ikastera, baita bizitzera ere. Oraingoz hau ez da kontraesanean sartu Alderdi Komunistaren eredu teknokratarekin, baina noiz arte izango dira eliteontzako uztargarri nazioarteko kapitalaren agenda jarraitzea eta Txinarekiko leialtasuna? Kontraesanon erdian nazioaren sustraia aldarrikatzeko, eliteak hesi barruan atxikitzeko, ustelkeriaren aurkako borroka oinarrizko arma bihurtu da. Alderdiaren ordezkari, estatuaren goi funtzionario eta negozioetako gizona izatea bereizten ez diren eskema batean, denei ezartzen zaie herriarekiko eta alderdiarekiko leialtasuna. Ustelkeriaren kontrako borroka, zalantzarik gabe, tresna egokia gertatzen da arerio politikoa suntsitzeko. Baina bada kontrol tresna ere, ororen gainetik ezartzeko taldearekiko leialtasuna. Modernizazioak kaltetu dituen jende eta taldeen protestak onartzen ditu Txinako eliteak, baldin eta kexuak mugatzen badira etxe barruko arazo zehatzetara, erregimena auzitan jarri gabe. Txinako bazter askotan, kutsadura nozitzen duten herri eta fabrika inguruetan esaterako, ohikoak bihurtu dira protestak, halako usina itxi dezaten, soldata igoerak eskatzeko... interesak defenditzeko. Agintariek badauzkate moduak horiekin negoziatzeko. Alabaina, interes horien inguruan antolatu nahi baldin badira sindikatu edo elkarteak, orduan errepresioak ez du gupidarik. Zer esanik ez bestelako disidentzia batez ari bagara, Txinako elitea eta sistema osoa auzitan jarri nahi duen disidentzia politikoaz: honek gorputz sozialetik kanporatua izatea dakar. Koadro orokor honetan, Xi Jinpingek jokatzen duen papera oso urruti ikusten du Jean-Louis Roccak mendebaldeko prentsak berataz egindako iruditik. Aginte zentralaren eta kontrol ideologikoaren indartzea, alderdiaren idazkari nagusiari dagokion lidergoa nabarmentzea, disidenteen zanpaketa gogorragoa, horrek guztiak ez du berresten botere pertsonal bat bazik eta alderantzizkoa, eliteen arteko kontsentsua azaleratzen du. Funtsean, egonkortasun sozial eta politikoak behar dute alderdiarekiko leialtasuna indartzea eta horri aurpegi bat jarri behar zaio. Gaur egun Xi Jinping da aurpegi hori baina gerta liteke beste bat, estilo eta ezaugarri berekoak izanez gero. Zergatik aurpegi bat eta ez kolektibo bat? Dudarik gabe garaiak bere larritasuna daukala uste dutelako eta iraultzaileen umeak iritsi direnez agintea hartzeko adinera, funtsezkoa delako iraultzaren izpirituaren bertuteak berreskuratzea. Aurreko idazkari nagusia zen Hu Jintao bere aginte aldian bigunegi aritu dela uste izanik, Txinak behar duen aginte indartsua nabarmendu nahi izan dute berriro. "Jaun eta jabe izateko –dio Roccak–  Xi Jinpingek beharko luke proiektu edo pentsamendu lerro bat Mao Zedong edo Deng Xiaopingek zituztenen mailakoa.  Ez dauka. Bere politikek ez dute iraganekoekin eteten, ez ustelkeriaren aurkako borrokan, ez Txinaren indarra sendotu nahian, ezta ere  txirotasunaren eta ezberdintasunen kontrako borrokan". Alderdi Komunistaren 2022ko biltzarrean ikusiko da ea bitartean indarra hartu duen hirugarren belaunaldiak.
news
argia-96a2a6f6ab69
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/erlea-maneros-zabala.html
Markoak erakusten duena
Xabier Gantzarain
2017-11-12
Markoak erakusten duena Azaroaren 4an bukatu da erakusketa Los Angeleseko Redling Fine Art galerian. Markoak erakutsi ditu han, hautsiak, osatu gabeak, herrenak, soltatuak. Markoekin batera erakutsi du lau ordu pasako bideo hau ere: The Voice of the Valley . Hor goiko frame horretan artista ageri da, markoak egiteko egurrak prestatzen. Barrokoan-eta egiten zuten bezala, artistak zurari igeltsu zuria ematen dio, leuntzeko, garai batean urrea eman aurretik egiten zen prozesua errepikatuz, markoaren materialtasuna bera agerian jarriz. Azken urteotan Joshua Tree basamortuan bizi da Erlea Maneros Zabala (Bilbo, 1977ko martxoaren 17a), han sortu ditu lan hauek, bere estudioan. Artista egunero joaten da estudiora, errepikakorra da bere lana, mekanikoa, aspergarria ia. Hartzen ditu egurrak, mozten ditu neurrian, lixatzen ditu mimo handiz, ematen die igeltsua gero urrea eman behar balie bezalaxe, eta bitartean irrati lokala entzuten du, " libertarians " deitzen zaien jendea, sekulakoak botatzen uhinetan. Horixe da bideoan ikusi eta entzun daitekeena. Artista markoak dekonstruitzen, eta irratiak sortzen duen marko ideologikoa erakusten aldi berean. "Herri txiki batean bizi naiz", dio artistak, "eta hau beste mundu bat da. Ameriketako Estatu Batuetan arte munduan dabilen jendeak ez daki hau badenik ere, ez du ezagutzen, arrotza egiten zaie erabat". Erlea Maneros Zabalak inoiz entzun ez duten hori entzunarazi nahi die, markoak erakutsi, errealitatea zedarritzen duten markoak. "Artisten artean ere egon da joera bat mendebaldeko basamortua leku huts eta utopiko batekin lotzeko, natura puru batekin, baina basamortuan jenda bizi da, eta hemengo giro soziala oso gogorra da, zerikusi gutxi du leku utopiko horrekin". Begira iezaiozu markoari.
news
argia-2b2be8457390
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/frantziako-segurtasun-lege-berria-salbuespen-neurriak-lege-arrunt-bihurtzeko.html
Frantziako Segurtasun Lege berria, salbuespen neurriak lege arrunt bihurtzeko
Andoni Mikelarena
2017-10-31
Frantziako Segurtasun Lege berria, salbuespen neurriak lege arrunt bihurtzeko Jakes Bortairuk Enbata agerkarian kaleratu duen artikuluan Frantziako Estatuko legebiltzarra lantzen ari den Barne Segurtasun legea aztertu du. "Erregimen aldaketa da, V. errepublikan, ez zen sekula hainbeste botere bildu gobernuaren eskuetan", uste du Frantzia Giza Eskubideen ligak. Hamabost urtean hamabigarren segurtasun legea aurkeztu du Macronen gobernuak. Bertan, "salbuespen prozedurak lege arrunt" bilakatzen dituzte Bortairuren ustez. Frantziako Estatuan gertatu diren atentatu odoltsuen ondoren segurtasun politika kritikatzea oso zail bihurtu da Bortairuren hitzetan. 2015eko azarotik larrialdi egoera sei aldiz luzatu du Frantziako Gobernuak. Tartean Amnesty Internazionalak salatu duenez 155 manifestazio debekatu dira eta 639 pertsonari manifestaldietan parte hartzea debekatu zaie. Orain arte salbuespen neurriak zirenak, orain arrunt bilakatu nahi ditu Frantziako Gobernuak, legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren lege berriaren bidez. Prefetak "babes eremuak" deiturikoak sortu ahalko ditu "terrorismo mehatxupean egonez gero". Eremu horietan, justiziaren esku hartzerik gabe, poliziak edozein kontrol egin ahalko du. Mugetan egin ohi ziren nortasun kontrol masiboak ere, aireportu, portu eta geltoki guztietara zabalduko dituzte, lurraldearen %29ra. Gainera, inolako baimen juridikori gabe poliziak hamabi orduko kontrolak egiteko aukera izango du (orain sei ordukoak izan zitezkeen). Zenbait ekintzaile eta epaileren ustez, terrorismo gaietan hemendik aurrera, frogen ordez susmoak eta iragarpenak bilaka daitezke kondena baten oinarria.
news
argia-c0107c9ce1b7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2574/administrazioak-umeak-lapurtu-dizkigu.html
"Administrazioak umeak lapurtu dizkigu"
Mikel Garcia Idiakez
2017-11-12
"Administrazioak umeak lapurtu dizkigu" Hainbat gurasoren garrasia da, minez eta amorruz betea: seme-alabak kendu dizkiela administrazioak, haiek behar bezala zaintzeko kapaz ez direla iritzita. Salatu dute arinkeriaz eta gehiegikeriaz jokatzen dutela teknikariek, txostenak puztuz eta desitxuratuz, bermerik ez duen atzera-bueltarik gabeko prozesuan umeak betiko galtzen dituztela. Nola funtzionatzen du haurren babeserako zerbitzuak eta zer dago horren guztiaren atzean? Seme-alabengandik bidegabeki banandu dituztela salatzen duten gurasoen elkartea da Marea Turquesa, iaz Espainiako Estatuan sortua. Pasa den ekainean hasi zuen bere ibilbidea Marea Turquesa Euskadik eta 15 guraso inguru dira dagoeneko. Gipuzkoako hiru amarekin bildu gara gu. "Orain lasai har dezakezu arnas, munduko denbora guztia daukazu zuretzat", esan zion Diputazioko teknikariak Maiteri (izen faltsua). "Nik ez dut nahi munduko denbora guztia niretzat, nik nire seme-alabak nahi ditut!". 2 urteko semea harrera-familia batekin eta 4 urteko alaba zentro batean ditu Maitek ekainetik, bikotekidearengandik banandu eta emakumeentzako aterpetxe batean zegoenean bizilagun batek salatu zuelako alabari errieta egin ziola oso hitz itsusiak erabiliz; "eta gero puzten eta puzten joan dira, nirekin zerikusirik ez duten iradokizunak bata bestearen atzetik, ez hanka ez buru: depresiorako joera dudala, tratu txarrak ematen dizkidaten gizonenganako joera, zainak moztu nahi izan ditudala (Jainkoarren, baina nondik atera dute hori?!), tronpa-ligadura egiteko esan zidatenean ezetz esan niela ere jarri dute txostenean, alabak ilea ez zuela garbi eramaten ( rastak dituelako)… Munstroa banintz bezala jarri naute txostenetan, baina nire umeen zaintzan buru-belarri aritu naiz beti. Urte luzez auzo berean bizi izan gara eta inoiz ez dut inolako arazorik izan inorekin, alaba eskola on batera joan da 2 urte zituenetik, ez zaie inoiz jatekorik, janztekorik eta baliabiderik falta izan; zergatik ez diete umeei galdetzen? Begira zein bitxia, Osakidetzako psikiatrak egin didan txostenak eta Diputazioak hautaturiko psikologoarenak ez dute zerikusirik". Arantxa Akizu eta bikotekidea desintoxikazio zentro batera sartu ziren, beren borondatez, eta bitarte horretan, euren familia izan zen haurra kendu ziena, horretarako izapideak eginez. Zentrotik atera ostean, ordea, umea ez zietela "inolaz ere" itzuliko esan zieten Diputazioan. Hiru urte daramatza kontsumo-analisietan negatibo ematen, txosten ofizial positiboak pilatzen eta epaiketak eskatzen, baina alferrik. Itxaropena ez du galdu, halere. Ama izateko aukerarik ez diote eman Susanari (izen faltsua): haurdun zegoenean, bikotekideak eta biek gizarte zerbitzuetara jo zuten, laguntzaren bat lortzeko esperantzan, baina oso bestelakoa izan zen ondorioa. Egoera berean dauden askoren esaldia da Susanarena: "Madarikatua gizarte zerbitzuetara jotzea erabaki genuen eguna!". Erditu eta bost egunera, Diputazioak aginduta umea eraman zuten ospitaletik bertatik; "marihuana erretzen nuela leporatu zidaten (porro bat egunean!), diru-sarrera nahikorik ez genuela, gazteagoa nintzenean harrera-zentro batean egon nintzela, aurreko harreman batean tratu txarrak jasotzeagatik asko sufritu dudan emakumea izan naizela eta nire iragan gatazkatsuagatik ezin dudala bizimodu normal bat izan... Nire iraganagatik betiko kondenatu naute eta nik iragan gogorra izan dut, bai, baina zenbatek bukatuko zuketen bizimodu kaltegarri batean kateatuta? Ni aurrera atera naiz, beti aritu naiz lanean, ile-apaindegian ez bada tabernan, eta hori guztia ez dute baloratu. Aurrez epaitua zaudenean zaila da buelta ematea, umea 'badaezpada' kentzen dizute, eta gero hor konpon. Orain, hilero analisiak egiten ditut frogatzeko ez dudala ezertxo ere hartzen, bikotekidea lanean ari da kontratu batekin, ni ikasketak egiten ari naiz nire poltsikotik ordainduta, etxebizitza egonkor bat daukagu… eta aldaketa horiek guztiak ez ditu kontuan hartu Diputazioak. Are okerrago, epaiketa eskatu dugu eta bertan behera uzteko esan dio epaileari Diputazioak, gure aurrekariak aintzat hartuta. Preso sartzen dutenak gutxienez seme-alabak berreskuratu ohi ditu kartzelatik ateratzen denean, bada guk ez daukagu horretarako eskubiderik". Susanak eta bikotekideak azaro bukaeran dute epaiketa, umea jaio, kendu eta ia urtebetera. "Bizitza zaila izan dugulako, ez dugu merezi umea izatea? –diote– Baliabide gutxiko jendea garela aprobetxatzen dute. Ez gara inor haientzat, azken hondarra, eta zenbat eta zaurgarritasun egoera handiagoan egon, orduan eta harrapakin hobea gara". Susana, ama: "Hilero analisiak egiten ditut frogatzeko ez dudala ezer hartzen, bikotekidea kontratuarekin ari da lanean, etxebizitza egonkorra daukagu... baina aldaketa horiek guztiak ez ditu kontuan hartu Diputazioak" Patxi Agiriano, Gipuzkoako Diputazioa: "Bereiztea azken neurria da eta aurretik ahalegintzen gara familiak baturik jarraitu dezan bestelako esku-hartzeak egiten. Izatekotan, esku-hartze goiztiarra falta da" Gizarte zerbitzuak, azpikontratak eta administrazioa Administrazioak du erabakimena seme-alabak gurasoengandik banantzeko, baina segimendua administraziotik kanpo jarduten duten lan-taldeek eta enpresa azpikontratatuek egiten dute, eta txosten horietan oinarrituta hartu ohi ditu erabakiak administrazioak. Garbi utzi nahi du Gipuzkoako Diputazioko Haurren eta Nerabeen Babeserako zerbitzuburu Patxi Agirianok: "Bereiztea azken neurria da eta aurretik ahalegintzen gara familiak baturik jarraitu dezan bestelako esku-hartzeak egiten. Gipuzkoan, gaur egun, 1.117 ume ari dira familien gaineko esku-hartze programetan parte hartzen eta babes neurriak dituztenak 695 dira". Balore Tresna izeneko metodo "objektiboa" erabiltzen dutela kontatu digu: "Tresna hori berriki berriz ebaluatu du Euskal Herriko Unibertsitateak. Balioespen psikosozial horietan umearen bizitzan dauden eragileek ematen duten informazioa alderatzen da (eskola, Osakidetza, aisialdiko ekintzak, senideak...). Txostenetan biltzen den informazio guztiak egiaztatuta eta alderatuta egon behar du, kalitatea, objektibotasuna eta erabakien zehaztasuna bermatzeko. Gainera, horrelako erabaki bat hartzen denean, maiz bidea luzea izan da aurretik, udaletik igaro da eta ondoren aldundietatik. Zerbait faltatzekotan gure babes sisteman, esku-hartze goiztiarra falta da". Neurri eta ebaluazio guztiak modu kolegiatuan egiten direla eta hiru mailako filtro-sistema dutela azpimarratu digu Agirianok: lehen maila batean, kontratupeko taldeak egin duen proposamena erakundean bertan aztertu behar da modu kolegiatuan; bigarrenik, foru-profesionalak berriz aztertzen du neurria; eta hirugarrenik, behin betiko proposamena "zurrunki" aztertzen du batzordeak. "Azkenik, eta filtro horietatik igaro ondoren, proposamena foru diputatuari bidaltzen zaio". Gaiotan aritzen den abokatu donostiar bati galdetu diogu eta berak ez du hain garbi ikusten: "Nik ez dut esaten gehienetan esku-hartzea justifikatuta ez dagoenik, argi dago arriskuan dauden umeak badirela, baina egia da kasu ugaritan gehiegizko esku-hartzea dagoela administrazioaren aldetik. Gaia zaila da, ez delako pertsona bakarra erabakia hartzen duena, talde-lana dela suposatzen da, batzuen eta besteen txostenak daudela tartean, baina nik ikusi ditut oso bideratuta dauden txostenak: gauza batzuetan fokua jarri eta aldiz, interesatzen ez zaizkien gauzak jaso ere egiten ez dituztenak; gurasoen alde egin dezakeen informazioa berariaz ezkutatzeak asko esaten du batzuen objektibitateaz. Gurasoak gizarte zerbitzuetara doaz laguntza bila, solasean ari direlakoan interrogatorioa egiten ari zaizkie, hasten dira txostenak gora eta behera, iraganeko informazioa ere erabiltzen dute zure kontra, bergizarteratzeko eskubiderik ez bazenu bezala, eta azkenean aurkitzen duzu lizentziatu berri den gaztearen idatzia, esperientziarik gabea, gurasoen jokabidea zorrotz epaitzen, pedagogian aditua bailitzan". Gizarte zerbitzuetan zein egokitzen zaizun, juzguak oso erraz egiten dituztela dio Maitek: "Niri gertatu zait, aurrez aurre inoiz izan ez nauen gizarte laguntzaileak idaztea niri buruzko txostena, psikologoaren, aterpetxeko jendearen eta hirugarren pertsonen hitzetan oinarrituta. Eta ez da kasualitatea, beti berdinak dira halakoak egiten dituztenak, badakidalako niri umea kentzea ahalbidetu duen gizarte laguntzaileak beste askori gauza bera egin diela". Zergatik, baina? Elkarrizketatu dugun abokatuaren esanetan, administraziotik kanpoko enpresa eta profesional askok egiten du lan arlo honetan, diru asko mugitzen da, eta batzuetan badirudi makineriak funtzionatzen jarraitzea interesatzen zaiola hainbati, euren lana justifikatzea: "Zerbitzu publikoak enpresa pribatuei azpikontratatzen dizkiezunean, bestelako interesak tartekatu daitezke". "Harrera zentroak pribatuak dira eta interes handia dago plaza guztiak beteta egon daitezen", dio Consuelo García kazetariak, Espainiako Estatuan gaiak duen dimentsioaz aurten atera duen ikerketa liburuan ( El desmadre de los servicios sociales ). Azpikontratatzearen arriskuak ukatu dizkigu Agirianok: "Gestioa egon liteke azpikontratatua, baina erantzukizuna publikoa da beti. Horregatik, gure funtzioa da bermatzea lana irizpide eraginkor eta koherenteekin egiten dela eta kalitate kontrolak badira horretarako". Abokatua: "Beste herrialdeetan, erabakia hartu aurretik audientzia ematen dizute, alegazioak aurkezteko aukera… Hemen defentsarako eskubidea gerorako uzten dute: lehenengo umea hartzen dute, eta gero zuk ikusi helegitea jartzen duzun" Consuelo García, kazetaria: "Harrera zentroak pribatuak dira eta interes handia dago plaza guztiak beteta egon daitezen" Administrazioak erabaki behar du, ala epaileak? Europako hainbat herrialdetan, epaileak agindu behar du adin txikikoen esku-hartzea, baina Espainiako Estatuan administrazioak du horretarako eskumen osoa, eta ez du inolako baimen judizialik behar. "Berdin dio duela gutxi gurasoak dibortziatu eta sententzia bat egotea umearen zaintza zehazten duena, administrazioa iritsi eta bestelako erabakia har dezake lasai asko", dio abokatuak. Hain juxtu, Patxi Agirianorentzat idealena da eskumena administrazioarena izatea eta ez Justiziarena: "Haurren babes sistema, zorionez, gizarte zerbitzuetan dago, eta bermatzen du maila guztietan egiten den esku-hartzea, balizko babesgabezia egoerak atzematea barne, hezkuntzan eta psikologian prestakuntza egokia duten profesionalen ardurapean, eta bermatzen du azkartasun handiagoa esku-hartzean, susmoa baitugu umeen bizitzan eragingo duten erabakiak atzeratuko liratekeela babes-sistema judizializatuta balego". Prozedura horri hutsune handiak ikusten dizkio abokatuak, ordea: "Beste herrialdeetan, erabaki administratiboa hartu aurretik audientzia ematen dizute, alegazioak aurkezteko aukera… eta hori printzipio konstituzionala da, defentsarako eskubidea. Hemen defentsarako eskubidea gerorako uzten dizute: lehenengo exekutatu egiten dute, umea hartu, eta gero zuk ikusiko duzu helegitea jartzen duzun ala ez. Babesgabetasun handia sortzen du horrek. Batetik, askok ez duelako helegitea jartzeko baliabiderik ez indarrik; lotsa eta beldurra tartekatzen dira, edo administrazioak leporatutako argudioren batengatik errudun sentitzen dira eta administrazioaren dinamika barneratzen dute, bisita-orduak negoziatzen, terapia egiten… Bestetik, helegitea jartzea erabakiz gero, erreakzionatzen duzunerako eta epaitegiak esku hartzen duenerako, gutxienez urtebete igarotzen delako tartean". Abokatuaren hitzetan, helegitea jartzea bera gaizki hartzen du administrazioak, "ez duzulakoan tratamendua onartu, haien egia onartu, zure bizimodua aldatzea onartu". Epaitegietan talde psiko-sozial ona dagoen arren administrazioak indar handia duela, bere lan-taldeak aurkeztutako txostenek pisu handia dutela eta argudio ugari subjektiboak direla dio abokatuak. Emaitza, ia inoiz ez dutela gurasoek irabazten. Administrazioaren inpunitate eta botekeriaren isla da elkarrizketatu ditugun amentzat; aldiz, arrazoia administrazioak duela esan nahi du Agirianorentzat. Berak eman digu datua: 2016an, 46 helegite aurkeztu ziren Familia Epaitegian, eta guztiak ezetsi zituzten. Arantxa Akizu zarauztarrak hiru urte daramatza borrokan, alaba berreskuratzeko. 2016an, 46 helegite aurkeztu ziren Familia Epaitegian, eta guztiak ezetsi zituzten. Atzera-bueltarik gabeko erabakia? Beste kritika bat nabarmentzen dute amek, artikulu hasierako testigantzetan ere jasoa: leporatzen dizkieten jarrera desegokiei buelta eman arren, zuzendu beharrekoak zuzendu arren, ez dutela seme-alaba berreskuratzen. "Beste herrialde batzuetan, umea kendu diezazukete, baina saiatzen dira gurasoek dituzten arazoei aurre egiteko baliabideak jartzen, gero umea berreskuratu ahal izan dezaten. Hemen aldiz, abiapuntua da familiari lagundu beharrean umea behin betiko kentzea, eta gero familia da berreskuratzeko ahaleginak egin behar dituena", kexu da Arantxa Akizu. Agirianok dio ez dela horrela, kontrol eta ebaluazio etengabea dagoela, eta esku-hartzeak uneoro birbideratu daitezkeela: "Lan handia egiten da familia batuta egon dadin hasieran, edo familia berriz batzeko, gero. Baina txirotasuna edo toxikomania babes-neurriak hartzeko elementu direla pentsatzea ez da zuzena. Kontuan hartu beharreko adierazleak dira, bai, baina gakoa beti da ea guraso horiek kapaz diren edo ez umeak zaintzeko". Kontuak kontu, datuek diote hasieran "behin-behineko" gisa izendatutakoa "behin betiko" bihurtu ohi dela, eta haurrak bukatu dezakeela harrera-familiak adoptatuta, guraso biologikoengandik urrun (harrera-familiek 600 euro jasotzen dute hilero ume bakoitzeko Gipuzkoan). Patxi Agiriano: "Txirotasuna edo toxikomania babes-neurriak hartzeko elementu direla pentsatzea ez da zuzena. Kontuan hartu beharreko adierazleak dira, baina gakoa da ea guraso horiek kapaz diren edo ez umeak zaintzeko" Abokatua: "Nik ikusi ditut oso bideratuta dauden txostenak: gauza batzuetan fokua jarri eta aldiz, interesatzen ez zaizkien gauzak jaso ere egiten ez dituztenak, gurasoen alde egin dezakeen informazioa berariaz ezkutatuz" Nahikoa al da ordubete astean? Ordu edo ordu eta erdi astean izan ohi da gurasoek banandutako seme-alabekin egoteko duten tartea, teknikariren baten begiradapean. Nahikoa denbora al den galdetu diogu Haurren Babeseko zerbitzuburuari: "Ume bakoitzarekin, familiarekiko harreman beharren azterketa egiten da, eta behar horien arabera, eta umeak duen denboraren arabera, bisita-erregimena antolatzen da gurasoekin. Kontuan izan behar da guraso hauek arazo larriak dituztela, eta bereizteko neurria hartu dela min ematen ziotelako umeari eta ez ziotelako uzten modu osasuntsuan hazten". Jaio eta bost egunera kendu zioten umea Susanari: "Ez dut uste semeak ezagutzen gaituenik, berarentzat gara astean ordubetez kariñoa ematen dioten bi ezezagun. Lehenengo hitzak, lehenengo pausoak… beste familiarekin emango ditu, eta izugarri mingarria da hori. Gainera, gero umea itzuliko al diguten erabakitzeko garaian, irizpide inportantea da haurrak zeinekiko duen atxikimendu gehien, baina norekin izango du, guk astean ordu eta erdiz baino  ikusten ez badugu?". Maitek gauero telefonoz hitz egiten du zentro batean duten 4 urteko alabarekin: "Negar zotinka aritzen da, nirekin itzuli nahi duela esaten dit behin eta berriz". 2 urteko semea harrera-familia batekin dago eta ordubete ikusten du astean. "Atzo behea jo nuen. Badakit harrera-familiak ez duela asmo txarrez egin, baina umearen urtebetetzean collage bat egin zioten ospakizuneko argazkiekin eta semeak erakutsi zidanean tristura handia sartu zitzaidan, nik apenas ospatu ahal izan dudalako berarekin urtebetetzea, eta pentsatzen dudalako nik ere eskaini diezaiokedala hori guztia". "Zerbait egingo zenuen" Beldurra eta lotsa sentimendu ohikoak dira guraso hauen artean. "Ez da kontatzen zoazen zerbait, jendeak beti pentsatzen du, 'zerbait egingo zenuen', eta azkenean isolatu egiten zara". Etengabe epaituak eta mespretxatuak sentitzen direla esan digute, "emakume bezala eta ama bezala". Inpotentzia aipatu digute, umiliazioa, zaborra bailiran, baina ez daude amore emateko prest: "Gu bezala dagoen jendeak ikus dezala ez daudela bakarrik, bat eginik borrokatuko dugula". Kontaktua gehitzeko eskatu digute: [email protected]. "Itxaropena ematen digu kolektiboak, indarra egiten dugu elkartuta, epailearengana gero eta jende gehiago bagoaz agian lortuko dugu funtzionamendua eta lan egiteko modua ikertzea, kasu bakoitza berrikustea eta desegoki jokatu duten guztiak kargutik kentzea".
news
argia-88809dc702f6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2432/nomenclator-antzinaroko-giza-googlea.html
Nomenclator, Antzinaroko giza Googlea
Nagore Irazustabarrena Uranga
2014-10-12
Nomenclator, Antzinaroko giza Googlea Erroma, K.a. i. mendea. Makrobiok Saturnalia lanean jaso zuenez, Augusto enperadorea oso kontentagaitza zen bere nomenclatorrari zegokionez, eta sarritan kexu zen hark memoria nahikorik ez zuelako. Gaur egun nomenclator hitzak "izenen katalogoa" esan nahi du, baina jatorrian nomenclatorrak hezur-haragizkoak ziren. Erromatar politikari edo goi gizarteko kide orok behar zuen nomenclatorra alboan, giza entziklopediarenak egiteko. Oroimen izugarriko esklaboak eragin handiko pertsonen izenak ikasi behar zituzten, haien familien historia, edozein datu aipagarri, zer gertakari sozialetan nabarmentzen ziren,  zer negoziotan aritzen ziren, zenbaterainoko arrakasta zuten jarduera haietan, zenbat mesede zituzten eginak, zenbat jasoak... Festetan nahiz bestelako topaketetan, esklaboak datu horiek guztiak zuzenean eman behar zizkion nagusiari, hark behar ahala. Erromako eliteen artean, maila berekoak ezagutzea eta ezagutza hori jakinaraztea funtsezkoa baitzen. Hala, nomenclatorraren rola erromatarren ustelkeria sare korapilatsuari eusteko sortu zen, eta patrizioei memoria perfektuaren ilusioa atxikitzen laguntzeko. Horregatik nomenclator bikainenek milaka patrizioren izenak gorde behar zituzten beren markatze bizkor mnemoteknikoan. Baina horien berri baino, nomenclator kaskarrenen berri iritsi zaigu gehiago. Esan bezala, Augusto ez zegoen batere gustura berearekin. Beti ere Makrobioren arabera, behin esklaboa Forora bidali zuen eta alde egin baino lehen zera esan omen zion: "Har ezazu gomendiozko gutun hau, han ez duzu inor ezagutzen eta". Seneka (K.a. 4-K.o. 65), aldiz, adineko nomenclatorrez trufatzen zen, aurpegiez ahanzten zirelako eta gezurrezko izenak asmatzen zituztelako. Adriano enperadorea nomenclatorren hutsak etengabe zuzentzen aritzen omen zen. Beste zereginik ez zutela esaten zien eta berak, orotariko kezkak izanda ere, izen bat behin entzun eta bizi osoan ahanzten ez zuela aurpegiratzen zien. Orduan zertarako behar zituen nomenclatorrak? Horixe pentsatuko zuen Katon Gazteak (K.a. 95-46). Mirarizko memoria omen zuen eta, hortaz, oroimen esklaboak kontsultatu beharrik gabe lortu zuen elite nagien errespetua.
news
argia-32e7104e14d4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2432/bi-istripu-parabrisaren-jatorri.html
Bi istripu, parabrisaren jatorri
Nagore Irazustabarrena Uranga
2014-10-12
Bi istripu, parabrisaren jatorri Behin, Edouard Benedictus  asmatzaile frantziarrari laborategiko ontzi bat erori zitzaion. Kristala txikituta geratu zen;  txikituta baina bat eginda. Nitrozelulosa soluzio bat zeukan ontziak, lurrundu ondoren beiraren inguruan geruza moduko bat osatu zuena. Puskatu ondoren beira zatiak bat eginda atxikitzen zituen substantzia aurkitu zuen, baina orduan ez zitzaion aplikazio praktikorik bururatu. Handik urte batzuetara, 1903an, Benedictusek jakin zuen auto istripu batean haizetakoaren kristal hautsiek neskato bati aurpegia desitxuratu ziotela. Lurrera eroritako matrazaren irudia etorri zitzaion burura. 24 orduan, urte batzuk lehenago ausaz aurkitutako soluzioaren antzeko zeluloide itsasgarria lortu zuen, eta haren bidez kristalezko bi xafla itsatsi zituen. Beira ijeztua sortu zuen, automozioaren bilakaeran segurtasun elementurik garrantzitsuenetakoa.
news
argia-f56d39a2b65b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2432/biziaren-oinarria-izan-litezkeen-molekulak-galaxiaren-erdian.html
Biziaren oinarria izan litezkeen molekulak galaxiaren erdian
Joxerra Aizpurua
2014-10-12
Biziaren oinarria izan litezkeen molekulak galaxiaren erdian Ikerlari talde alemaniar-estatubatuar batek karbono molekulak aurkitu ditu gure galaxiaren erdialdean dagoen Sagittarius B2 gas-laino erraldoian. Molekula horiek molekula konplexuagoak osatzeko oinarriak dituztela adierazi dute. Orain arte espazioan aurkitutako karbono molekulek pilota itxura dute, hau da, atomoak egitura esferiko itxi batean kokatzen dira, eta oso zaila da egitura horietan beste elementu batzuk itsastea. Aldiz, orain aurkitutako molekulek ahate baten hankaren antza dute: irekiak dira, eta muturretan beste elementu batzuk koka daitezke. Horrek elementu konplexuagoak sortzeko aukera ematen du. Aurkikuntzak indartu egiten du bizitzaren jatorriaren gakoa izar askoko guneetan dagoela diotenen teoria.
news
argia-ceba9a0389ff
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2432/zotina-arriskutsua-al-da.html
Zotina arriskutsua al da?
Joxerra Aizpurua
2014-10-12
Zotina arriskutsua al da? Ume-umetatik, ia amaren umetokian gaudenetik hil arte, asko edo gutxi, denok izaten ditugu zotin aldiak. Batzuetan gutxi irauten dute, bestetan gehiago, eta askotan jende artean gaudela irrigarri geratzeko arriskua dugu, kontrolaezina baita. Antza, zotina gure arbasoengandik heredatutako zerbait da, arrainen arnas brankialaren edota igelen arnas sistemaren gogorapena. Egun, garunak esofagoa defendatzeko bidalitako seinalea da. Kasurik gehienetan urdailean azidotasun handia edo ultzera edo antzeko zerbait dugunean sortzen dena. Medikuen arabera zotinka aritzea ez da larria, baina larritasun aztarnak izan daitezke denboran luzatzen bada eta kroniko bihurtzen bada, hau da, bi egun baino gehiagoz luzatzen bada. Edozein kasutan, zotinka aritzea deserosoa da ia beti, baina badaude zotina agertzean lagungarri izan daitezken ekintza batzuk: baso bat ur hotz poliki-poliki edatea, birikak bete eta segundo batzuetan airea askatu gabe eustea edo arnasketa erritmoa minutu batez-edo moteltzea.
news
argia-67bfcf67e0f0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/frantziar-erresistentzia-ez-hain-frantziarra.html
Frantziar Erresistentzia ez hain frantziarra
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-11-06
Frantziar Erresistentzia ez hain frantziarra Bigarren Mundu Gerraren ondoren Frantzian eraiki zen diskurtsoaren arabera, herrialdea Erresistentziak askatu zuen, frantziar ia guztien babes heroikoari esker. Berriki, Oxfordeko Unibertsitateko Robert Gildea historialariak, Fighters in the shadows liburuan, bertsio horren pitzaduretan sakondu du. Haren esanetan, erresistentzia ez zen hain frantziarra izan, atzerritarrek pisu handia izan zuten mugimenduan eta historialariak nahiago du "Frantziako erresistentziaz" hitz egin. Gainera, ez omen ziren De Gaullek berak esan bezain gaullistak; komunistek rol erabakigarria jokatu zuten. Azkenik, emakumeek izan zuten garrantzia ere aitortu nahi izan du Gildeak.
news
argia-0e76cf9c52c6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/carmen-marin-opusen-garbitzaile-aritua.html
"Nire bizitzako hilabeterik txarrenak pasa nituen Opusen lanean"
E�aut Agirrebengoa Apaolaza
2016-11-06
"Nire bizitzako hilabeterik txarrenak pasa nituen Opusen lanean" Carmen Marin Ortega dut izena, Iruñean bizi naiz, eta duela urte batzuk langile bezala inoiz izandako esperientzia txarrena izan nuen Nafarroako Opusen. Bertako departamentu batean garbitzaile aritu nintzen, eta han bizi eta ikusitakoa ez dut inoiz ahantziko. Garai hartan etxeko langile nenbilen, eta sos aldetik ez nuen beste lan baten beharrik. Halere Opusen garbitzaile hasi nintzen, ziurtatu baitzidaten bertan jardunda nire seme-alabek doan ikasi ahalko zutela.     Teorian, egoera berriak ezaugarri positibo ugari zuen: beste soldata bat, abagune paregabea seme-alabentzat… Alabaina, iritsi bezain pronto hasi nintzen hartutako erabakiaz damutzen. Lehenengo egunean bertako langileak ez agurtzeko esan zidaten, inolako ziorik eman gabe. Ez zuten garbitzaileok gure presentziaren berri ematerik nahi. Gainontzekoentzat ez ginen existitzen; ikusezinak ginen guztiz. Gainera, lankideok ezin genuen elkar lagundu. Hori ez zidaten zuzenean agindu, baina denboraren joanean agerikoa egin zitzaidan. Kasurako, behin, nire eginbeharrak jada amaituta nituela lankide bati zoru-garbigailuaren ontzia betetzen hasi nintzaion, eta errieta egin zidaten, ezin nuelako halakorik egin. Horretaz landa, garbiketa saileko arduradunak salatari bana zeukan talde guztietan. Arduradunak berak aitortu zidan. Garbitzaileak erabat kontrolpean geunden. Egiten genuen gauza ororen berri zuten nagusiek. Beste leku batzuetan ez dakit garbitzaileekin hala jokatzen den, baina niri behintzat beldurgarria iruditu zitzaidan salatarien sistema. Egunero urduri joaten nintzen lanera, presiopean baikeunden etengabe. Egoera horretan oso zaila zen gainontzeko garbitzaileekin harreman ona edukitzea; lehia bizia zegoen gure artean. Kontratu mugagabea zuten garbitzaileen eta aldi baterako kontratua zutenen artean sumatzen zen bereziki. Ni bigarren multzoan nengoen, eta besteek gure kontra egiten zuten nabarmen, mehatxu gisa ikusten baikintuzten. Nire ustez lan-giro petral horren atzean Opusen mentalitate eta lan egiteko moldea dago. Presio eta estres egoera hori beste departamentu batzuetan ere bazegoen. Esaterako, nire ezagun bat mantentze-lanetan aritu zen eta nazka-nazka eginda amaitu zuen hark ere. Bertan emandako hilabeteak sekulako amesgaiztoa izan ziren niretzat. Azkenean lana utzi behar izan nuen. Halako sufrikariorik ez dut beste inon pairatu. Etxeko langile bezala esperientzia hagitz onak bizi izan ditut, nahiz eta sektorearen egoera oso makurra izan. Behin garbitzaile lana utzita, kexa jarri nuen CCOO sindikatuan. Gertatu zitzaidana kontatu nien, egoerari konponbidea aurkitzeko itxaropenez. Alabaina, Opus harresi handi bat zela besterik ez zidaten esan. Aukera bakarra gelditu zitzaidan: gertaturikoa atzean utzi eta aitzinerat egitea.
news
argia-d8caf254c96d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/ongi-etorri-errefuxiatuak.html
Ongi etorri errefuxiatuak
Asier Blas Mendoza
2016-11-06
Ongi etorri errefuxiatuak XX. mende hasieran nazioarteko mugimendu sozialista gerraren aldeko eta kontrakoen artean zatitu zen. Mende bat beranduago gauzak ez dira gehiegi aldatu. 2003ko gerraren aurkako mobilizazioak oso handiak izan ziren. Mundu osoan milioika pertsonek hartu zituzten kaleak Irakeko inbasioaren aurka protestatzeko. Atzean geratu zen Mendebaldeko ezkerraren parte handi batek izan zuen jarrera inperialista, 1999an NATOk Jugoslaviaren aurka egin zuen gerra ilegala babestuz.   Ordutik AEBek asko ikasi du. NATOko kideen esku-hartze inperialistak ugaldu egin badira ere, ez dute errepikatu Irakeko akatsa. Nazioarteko legeak hausten jarraitzen dituzte bonbardaketekin eta unean uneko inbasio militarrekin, baina orain kontrolatu nahi dituzten herrialdeen aurkako erasoetan delegaturiko ( proxy ) gerrek irabazi dute protagonismoa. Hamarnaka milaka atzerritarrek borrokatu zuten Libiako estatu soberanoaren aurka eta hamarnaka milaka ari dira Siriako estatu soberanoaren aurka. Qatar, Saudi Arabia, Israel, Turkia, AEB, eta NATOko herrialdeen inplikazioa Ekialde Hurbileko gerretan sekulakoa da, noizbehinka Al Qaeda eta ISIS laguntzen edota zuzenean edo zeharka armatuz. Modu batera edo bestera, Clark jeneralak, McCain senatariak edo Hillary Clintonek ere onartu dute. Ez da berria inperialismo angloamerikarrak muturreko islamismoa erabiltzea, mendeak daramatza hori egiten. Mendebaldeko ezkerrean jarrera inperialistak hartu du hegemonia. Honen arabera, gure sistema politikoak munduko guztien gainetik daude, gu gara eskubide indibidualak, askatasun zibilak eta demokrazia behar bezala gordetzen ditugunak. Garai batean jaungoikoa edo garapen sozioekonomikoa eramateko aitzakiapean herrialdeak inbaditu eta kontrolatzea justifikatzen zen bezala, orain ezker hegemonikoak joko bera egiten du demokrazia eta askatasun zibilen mantrarekin Halere, orain ehun urte bezala, Mendebaldeko ezkerrean jarrera inperialistak hartu du hegemonia. Honen arabera, gure sistema politikoak munduko guztien gainetik daude, gu gara eskubide indibidualak, askatasun zibilak eta demokrazia behar bezala gordetzen ditugunak. Garai batean jaungoikoa edo garapen sozioekonomikoa eramateko aitzakiapean herrialdeak inbaditu eta kontrolatzea justifikatzen zen bezala, orain ezker hegemonikoak joko bera egiten du demokrazia eta askatasun zibilen mantrarekin. Kasu batzuetan Mendebaldeko herrialdeetan inperialismoaren propaganda masiboaren abangoardia bilakatu da, frogak eta protagonisten adierazpenak sinetsi gabe eta erasotzaileak eta eraso jasotzaileak (bide batez, nazioarteko legedia hausten ez dutenak) parekatu nahian. Milaka pertsona batzuk mobilizatu eta bizpahiru astetan armak eta milaka borrokalari lortu ditzaketela sinetsarazi nahi digute, nahiz eta aldi berean sinetsarazi nahi diguten munduko "diktadura lazgarrienetako" batean gertatzen dela hori. Ez da inuzentekeria, kopeta handia dute. Esplika diezagutela bestela nola den posible inperialismorik gabe Qatarreko biztanleen aztarna ekologikoaren batez bestekoarekin bost planeta behar izatea eta AEBetako biztanleenarekin lau behar izatea. Hau horrela da munduko baliabideak kontrolatzen dituztelako eta hori lortu ahal izateko herrialde soberanoak suntsitu eta beraien kontrolpera eramateko edozer egiteko prest daudelako. Hori bai, bitartean kontzientziak lasaitzeko ezkerra "Gerrarik ez" oihutik "Ongi etorriak errefuxiatuak" lelora pasa da. Horrela XXI. Mendeko Caritas berriaren antzera aritzen da, noski, errefuxiatuei behar bezalako harrera egin behar zaie, baina horiek ez dira meteorologiazko fenomeno baten ondorioa, Mendebaleko herrialdeen eta bere aliatuen estrategia inperialista baten ondorio baizik. Une zehatz batean pobreziari aurre egiteko limosna beharrezkoa izan daiteke, baina ez bada esplikatzen zergatik gertatzen den,  eta ez bada borrokatzen egoera iraultzeko, betikotu daiteke. Herrialde bat suntsitzea eta populazioz hustea drama humanitarioa izateaz gain, herrialde horren soberania ostu eta bere garapen sozioekonomiko eta kulturala oztopatzeko biderik eraginkorrena da.
news
argia-cfb4cd6aa7c6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/euskarabildua-2016.html
Gako komunikatiboak gizarte mugimenduen arrakastarako
Itsaso Zubiria Etxeberria
2016-11-06
Gako komunikatiboak gizarte mugimenduen arrakastarako Komunikazio emozionala: tresna eta jokabide komunikatiboak gizartea mugiarazten . Artikulu honen titularrean esaldi hori ere jarri nezakeen, hori baita azaroaren 10erako antolatuta dagoen bosgarren Euskarabildua jardunaldietako izenburua; baina egia esatea nahi baduzu, irakurle, orain modan dagoen samurtasun tailerra gehiago ekarri dit gogora komunikazio emozionalaren kontu horrek hitzaldi sorta bat baino. Bota didaten bigarren esaldia argiagoa iruditu zait lehen boterako: gizarte mugimenduen arrakastarako gako komunikatiboak aztertzea du helburu aurtengo Euskarabilduak.     San Telmo museoan egingo da Iametza Interaktiboak, ARGIAk eta Ametzagaña Taldeak antolatutako jardunaldia, eta besteak beste, Euskal Herriko mugimendu feminista, Kataluniako Diada eta Islandiako prozesua dira ikuspegi komunikatibotik landuko diren egitasmoak.     Marketinetik ulertzen dira askotan komunikazio plan eta proiektuak, baina horrek ez du ziurtatzen benetan gizarte mugimendu jakin baten mezua eta eraldaketa gauzatzea; hau da, komunikazio planak arrakasta handia izan dezake zabalkundean, baina aldi berean mugimendu horren aldarrikapenean ez lorpenik ekarri. Egia da kanpainaren mezuak, hartzailea ondo identifikatuta izateak, edo mezua zabaltzeko erabiliko diren tresnak zehazteak garrantzi handia duela, baina tartean geroz eta indartsuago ari dira kokatzen gizarte mugimenduak. Orain arte hain eskuragarriak ez ziren baliabideak edonork izan ditzake gaur egun, eta herri proiektuak horiez baliatzen ari dira beren mezua ahalik eta ozenen zabaldu eta masa mugimendu handiak sortzeko. Baina zer dago benetan arrakasta honen atzean? Zein dira gakoak? Eta hizkuntzarekin zer gertatzen da?     Jardunaldietara joateko izena eman beharra dago eta dagoeneko zabalik da epea. Hemen eman dezakezu . Hitzaldi guztien informazioa, hemen aurkituko duzu.
news
argia-e883fd9a4f9a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/joseba-tapia-eta-besamotzak.html
Berrasmatzea, berrarmatzea
Jon Aranburu Artano
2016-11-06
Berrasmatzea, berrarmatzea Antton Aranburu eta Bikiak eta Joseba Tapia eta Besamotzak taldeek urriaren 6an, Gasteizko Gaztetxean Muinoko Hotsak egitasmoaren barruan eskainitako emanaldia. Joseba Tapia eta Besamotzak taldearen hurrengo emanaldia azaroaren 18an izango da, Donostiako Bukowskin, Info7 irratiaren 10. urteurreneko festan. Joseba Tapia izango da gure panoramako musikaririk emankor eta aldi berean kamaleonikoenetako bat. Soinujole moduan bazterrak irauli zituen 1980ko hamarkadan, eta, oraintsu arte, halaxe jardun du diskoz disko, proiektuz proiektu aurrez egindakorik egin gabe, bere bidea asmatzen eta berrasmatzen.     Soinua utzita, gitarra lagun etorri zen Gasteizko Gaztetxera ere, Gaztetxeak berak eta Hala Bedi Irratiak elkarlanean antolatutako Muinoko Hotsak kontzertu zikloaren baitan, proiektu berria eskutan: Joseba Tapia eta Besamotzak.     Giroa berotzeko lanak gasteiztartutako Antton Aranburu eta Bikiak taldeak hartu zituen, eta pop kutsuko kantu akustikoak eskaini zituzten, hirukotean: bateria, kontrabaxua eta gitarra. Ordubete eskaseko tartean, sorta dotorea utzi ziguten, eta beste batean entzuteko gogoa piztu, leku itxiago batean, agian.     Tapiak eta lagunek, berriz, ez zeukaten inoren gogoa pizten ibili beharrik, zenbait soinu probetara ere azaldu baikinen oraingoan zerekin zetorren jakiteko gogoz. Rock laukote estandar bat, gitarra joleetako batek tarteka soinua hartzen duela, ez Josebak.     Ordu eta laurden pasatxoko tartean, lasartearrak bere ibilbideari errepasoa eman zion, ia disko guztietako kantuak joz. Izan ziren Real Politik -eko Zoragarria ez al da , edo Quebec -eko Maitez , eta, nola ez, aspaldiko Besamotzarena ere. Denak, jantziz aldatuta; zenbait jatorrizkotik gertuago, beste zenbait ia ez ezagutzeko moduan. Nolabait ere, hainbeste aldiz jotako kantuak beste era batean jota ere kantu borobilak direla adieraziz.     Bere ohiko instrumentua aparte utzi izanak harridura sortu zuen bere garaian, Tximela Kapitaina ri ahotsa jarri zionean, nahiz eta berak esanda, Tapia eta Leturia Band -en kantuak gitarra lagun konposatzen zituen. Gitarrarekin ari da oraingoan ere, baina jotzeko modua soinujolearena dela esango nuke; izan ere, trikitian ohi den moduan aritu zen: kantari ez zegoenean melodia gitarra elektrikoarekin eginez, gehienetan Wah Wah pedalaz lagunduta, rockero asko.     Taldea, oro har, hasiberri xamar zegoela iruditu zitzaidan; nahiz eta taldekide guztiek nork bere kasa ordu asko emanak izan taula-gainean, Besamotz moduan emanaldi batzuk gehixeago behar dituztelakoan nago, eta ulertzekoa ere bada soinujole eta guzti lehenengoa baitzuten.     Oraingoz kantu berririk ez du agindu Josebak, ezta disko berririk ere. Plazara atera da berriz, eta hantxe defendatuko ditu, hainbat taula, mandio eta gaztetxetan lehenago ere defendatutako kantuak. Finean, sekula jotakorik jo ez duen artista baten beste pauso bat da hau, epelera joko ez duen artista batena, eta inor epel utziko ez duen berrarmatzea. Niri gustatu zitzaidan.
news
argia-cca522f08b70
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/karin-van-der-worp.html
"Nola liteke enpresek esatea langile berrien ingeles maila ez dela nahikoa, 4 urterekin hasten zarete eta ikasten?"
Onintza Irureta Azkune
2016-11-06
"Nola liteke enpresek esatea langile berrien ingeles maila ez dela nahikoa, 4 urterekin hasten zarete eta ikasten?" EHUn, Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailean, aurkeztu zuen doktorego tesia ekainaren 22an ondoko izenburuarekin: Multilingualism in the workplace: the voice of professionals (Eleaniztasuna lantokian: profesionalen ahotsa). Van der Worp herbeheretarrak uste zuen, "herri elebiduna izanda" euskara eta gaztelania, biak erabiliko zirela enpresetan. Ingelesak ere harrituta utzi du: txikitatik ikasi bai baina lantokietan ez daude gustura langile berriek duten ingeles mailarekin. Nazioartean lan egiten duten Euskal Herriko 14 enpresatan (batik bat Gipuzkoakoak) manager diren 25 pertsona elkarrizketatu ditu, lantokian hizkuntzak nola kudeatzen dituzten eta hortaz zein iritzi duten jakiteko. EHUko Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultateko 194 ikasleri galdetegia pasa die lanean aurkituko dituzten hizkuntzei buruz. Euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, alemana eta txinera hartu dituzte kontuan. Karin van der Worp (Hattem, Herbehereak) duela hiru urte eta erdi etorri zen Euskal Herrira tesia egitera. Besteak beste, nederlandera, euskara, ingelesa eta gaztelania hitz egiten ditu. Zer aurkitu duzu enpresetan? Profesional eleanitzen jarrera oso positiboa da, ahal den hizkuntza gehien erabiltzea nahi dute, baina oso zaila iruditzen zaie. Gaztelania eta euskara dauzkate. Euskara ez dute lankide guztiek menperatzen eta gaztelania euskara baino gehiago erabiltzen da enpresetan, batik bat testuinguru formalean. Bilera orduan norbaitek ez badaki euskaraz dena gaztelaniaz egiten da. Oso arrunta da gaztelaniaz egitea. Egia da oso enpresa desberdinak ikusi ditugula. Enpresa batean den-dena euskaraz egiten dute, konpromisoa hartu dute lana euskaraz egiteko, bai lankideen artean bai kanpora begira. Beste enpresa batean adibidez dena gaztelaniaz egiten dute. Esaten dute gaztelaniaz denok ulertzen dugula eta euskara erabiltzeak aparteko kostua duela. Bi muturrak dira, gehienak tartean daude, hizkuntza biak erabiltzen dira, gaztelania euskara baino gehiago. Euskara gehienbat lankide artean erabiltzen da. Ingelesari buruz zer iritzi dute? Ingelesa da gehien erabiltzen duten kanpoko hizkuntza, nahiz eta badakiten hobe dela bezeroaren hizkuntza jakitea. Ingelesari dagokionez, kezkatuta daude, enpresara datozen langile berriek maila nahikoa ona ez daukatela uste dute. Enpresen iritziz, hezkuntza sistemak ikasleak ez ditu prestatzen hizkuntzak erabiltzeko. Batetik, diote ikasleek ingelesean lortzen duten maila, nahiz eta txikitan hasi ikasten, agian egokia dela oporretara joateko Londresera, baina lana egiteko ez. Bestetik, bitxia da, lehen frantsesa garrantzitsua zen hezkuntzan, orain ia erabat ingelesa ematen dute. Enpresak kezkatuta daude, merkatu oso hurbilekoa delako eta geroz eta gaitasun gutxiago daukagulako frantsesez. Ideologikoa ere bada, Euskal Herrian hiru hizkuntza daude, baina ingelesak hartu du funtzio garrantzitsuena. Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikasleei galdetegia betetzeko eskatu diezu. Zein iritzi dute euskarari buruz? Iritzia aldatzen da kontuan hartuta euskara menperatzen duten ala ez. Euskara menperatzen duenak dio hizkuntza garrantzitsua dela etorkizunean lanpostuan erabiltzeko, euskara ez dakienak berriz, ez dio garrantzi handirik ematen. Baina bitxia da nola euskara ziurtagiriak ateratzeko orduan, ama hizkuntza  gaztelania dutenek ziurtagiria edukitzeari garrantzi handiagoa ematen dioten. Titulitis ezaguna agertzen da, uste dute enpresek baloratzen dutela ziurtagiria edukitzea. Ikasleek ama hizkuntza zein duten, euskarari ematen dioten garrantziak alde batera edo bestera egiten du, baina ez da hain zuri edo beltz. Batzuk euskara ez dute ama hizkuntza, gero ikasi dute, eta horiek gero eta gehiago euskaldunek bezala pentsatzen dute, garrantzia ematen diote euskarari. Niri arreta eman dit enpresek kontratatzerakoan gaztelania inoiz ez eskatzeak, jakintzat ematen da. Enpresa askotan ingelesa eskatzen dute, euskara ez, eta baldin badakizu balio erantsia da. Hor desoreka bat dago. Nola hautematen dute ingelesa? Garrantzi handia ematen diote ingelesari. Nazioarteko enpresetan ingelesa erabili beharko dutela pentsatzen dute ikasleek, baina uste dute ez daudela ondo prestatuta. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan hainbat ikasgai ingelesez eman dituztenak besteak baino hobeto prestatuta daudela sentitzen dira. Eleaniztasun maila kontuan hartu eta hizkuntzen garrantziaz galdetu diezue. Aldagai bakarra ez baita ama hizkuntza zein duten. Ikusi nahi genuen ea nola aldatzen den haien ikuspuntua daukaten eleaniztasun maila gora doan neurrian. Zenbat eta eleanitzagoak orduan eta hizkuntzekiko jarrera positiboagoa dute. Argazkia: Dani Blanco. Zenbat eta eleaniztasun gutxiago orduan eta interes gutxiago? Demagun: ikasleak gaztelania baino ez daki, ez du ahaleginik egiten beste hizkuntzak ikasteko, ez dio garrantzirik ematen. Bitxia da kontu hau ere: ikasleen eleaniztasunaren maila neurtzerakoan hiru hizkuntzak hartu ditugu kontuan zeren frantsesez, txineraz eta alemanez oso gutxi dakite. Eta beste kontu bat, zenbat eta eleanitzagoa orduan eta pertzepzio hobea du euskarari buruz. Interesgarria iruditu zaigu. Zeren kezka hori badugu, mundu globalizatu honetan zer gertatuko den euskararekin. Tesiaz galdetu dizut orain arte. Zu Herbehereetakoa zara ordea, eta gure errealitatea guk ez bezala ikusiko duzu.   Oso interesgarria da. Zuena eskualde elebiduna da, nazioartekotzen ari dena. Ingelesaren gaiak arreta eman dit. Enpresetan egindako elkarrizketetan esaten zidaten: "Zuek txikitatik oso ondo hitz egiten duzue ingelesa", baina ez da horrela, ni 11 urterekin hasi nintzen, nahiz eta orain lehenago hasten diren. Badirudi hemen ingeles maila ona lortzeko arazoak dituzuela. Harritzen nau maila ona lortzeko ezinean ibiltzea. 4 urterekin hasten dira ikasten, akademiara joaten dira... Nola liteke ikasleak enpresetan ingelesa erabiltzeko seguru ez sentitzea eta enpresek esatea ingeles maila ez dela nahikoa? Ikasteko gogo handia dago, jarrera oso positiboa da, baina zer falta da maila hori lortzeko? Enpresako batek zera esan zuen: "Ez badugu maila ona lortzen ingelesez nola moldatuko gara frantsesa, alemana… ikasteko? Egia da ikasleei galdetu egin diegula haien ingeles mailaz. Ez dakigu haien ingeles maila uste dutena baino hobea den ala ez. Jakinda gurea gizarte elebiduna dela zer espero zenuen aurkitzea enpresetan? Euskal Herrira etorri baino lehen, ezer jakin gabe euskarari buruz, herri bat eta bi hizkuntza nituen buruan, pentsatzen nuen toki bera izango zutela bi hizkuntzek. Baina etorri eta gero ikusi dut zenbat jende den elebiduna, zenbatek egiten duen gaztelaniaz soilik. Ez da beraz guztiz elebiduna, herria elebiduna da, baina jende guztia ez. Horrek harritu ninduen. Orain ikusi dut enpresetan euskarari tokia emateko lan handia egiten ari direla. Poz handia ematen dit kontzientzia hori egoteak.
news
argia-711996e8dfc4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/europar-jungla.html
Europar jungla
Juan Mari Arregi
2016-11-06
Europar jungla Aurreko aste osoan zehar frantziar agintariek Calaisko kanpalekua eraitsi dute. Plastikozko txabola eta dendez osaturiko herrixka horretan bizi ziren 6.500 etorkin, Erresuma Batura igarotzeko zain, horietako asko asilo egoera eskatuta gainera. Calaisen milaka lagunek baldintza jasangaitzetan irauten zuten, hotza, hezetasuna, apenas hamar komun mugikor eta iturri gutxi batzuekin higienerako oinarrizko beharrei erantzuteko. Leku horri Jungla deitzen zioten, "legerik, babesik eta giza eskubideen gutxieneko aitortzarik gabeko espazio bat" zelako. Badirudi Frantziari lotsa ematen diola egoera horrek eta bere aurpegia garbitu nahian nabil, arazoa konpondu beharrean. Europako bihotzaren erdian dagoen jungla ez dute migratzaile politiko eta ekonomikoek sortu ordea. Europa "elegante" eta "demokratikoak" sortu du, babeserako eskubideari muzin egin eta etorkinen kontrako politikak ezarriz. Han eta hemen harresiak altxatu ditu, bazterkeria soziala sustatu du eta krisi humanitarioaren aurrean hartutako konpromiso apur eta zekenak bete gabe utzi ditu. Krisi horrek dozenaka milaka migratzaile mugiarazi ditu europar kontinentera, beste milaka "paradisu" edo El Dorado partikular honetara iristeko bidean hil diren bitartean. Kapitalismoaren aurpegia horixe da, horretarako baititu kudeatzaile onenak eserita Europako Parlamentuko eta gobernuetako besaulkietan. Jungla hori ezabatzeko, lehenik onartu beharko genuke Europak berak sortu duela, eta erantzukizuna duela horretan; ondoren, hartutako konpromisoak bete; eta migrazio fluxuak jatorrian saihesteko politika sozio-ekonomiko globalei ekin: herrialde horietan inbertitu behar da, beren baliabide naturalak esplotatu ordez.
news
argia-f5d99461df83
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/negoziazio-kolektiboa.html
Blokeoaren arrazoiak
Urko Apaolaza Avila
2016-11-06
Blokeoaren arrazoiak Confebaskek, CCOOk eta UGTk Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eragin mugatuko hitzarmenak sinatzeko egindako akordioak tentsioa areagotu du sindikalgintzan. Espainiako erreformek estatu mailako hitzarmenei atea ireki, lan-baldintzak kaskartu eta negoziazio kolektiboa blokeatu dute. Egoera hori gainditzeko akordioa omen. Baina desblokeatu al daiteke ezer ELAk eta LABek EAEn osatzen duten gehiengo sindikala bazterrean utzita? Prekarietateari beste mamu bat gehitu zaio beraz lan harremanen esparruan: defizit demokratikoarena. Ezohiko irudi batek alarma piztu zuen joan den uztailaren 14an hedabideetako edizio digitaletan. ELAk eta LABek agerraldi bateratua iragarri zuten goiz partean. Egun horretan Berria egunkariak lan harremanei zegokien albiste-bonba plazaratu zuen filtrazio bati esker: enpresari handien interesak biltzen dituen Confebask patronalak, esku artean zuen bi sindikatuek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan osatzen duten gehiengoa saihesteko "formula" . Horren arabera, akordio orokorrik ezean, gutxiengo sindikalarekin adostuko zituen "eragin mugatuko" hitzarmenak, eta –hemen berritasuna– Jaurlaritzak onetsi egingo lituzke. Confebaskek ukatu egin zuen agiria berea zenik; Enplegu sailak, bere aldetik, "bitartekari" lanak baino ez dituela betetzen adierazi zuen. Baina ELAk eta LABek eginiko agerraldian dokumentu bat erakutsi zuten, Eusko Jaurlaritzak "Elkarrizketa Sozialerako Mahaira" eramandako akordio-zirriborroa ei zena. Dokumentu horrek ere eragin mugatuko hitzarmenak bultzatzeko estrategia proposatzen zuen: "Jaurlaritzak konpromiso horrekin bat egin eta era aktiboan kolaboratuko du bere hedapen eta ezagutza orokorrean –zioen testuak–, akordioak bildu eta argitaratuz, Langileen Estatutuaren Legeak eskatzen duen ordezkaritza mailara iristen ez direnean". Hauteskunde bidez lorturiko ordezkaritza sindikalaren kontrako eraso larritzat jo zuten ELAk eta LABek ustezko asmo hori, eta Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren dimisioa eskatu zuten berehalakoan. Ez zebiltzan oker filtrazioari emaniko garrantzian: handik hamar egunera sinatu zuten akordioa UGT, CCOO, Confebask eta Jaurlaritzak. Prekaritatearen kontra LABek deitutako "Bideak Batuz" mobilizazioa Bilbon (argazkia: LAB) Negoziazio kolektiboan kosta ahala kosta hitzarmena lortzeko xedea EAEko patronalak ELA eta LABen kontra darabilen estrategiaren barruan kokatu zuten bi sindikatuok: "Eraso soka luze baten azkena da", zioen LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek. Lehenago ere Confebaskek demokraziaren marra gorriak igarotzen dituen ideia eta asmoak ibili izan ditu buruan oposizioa paretik kentzeko. 2014an EAEko patronalak agiri bat bidali zion Espainiako Estatuko CEOE enpresarien elkarteari, eskatuz sar zezala Lan ministerioaren aurrean helegite harrigarri bat: sindikatuak gordailutik "baja" ematea euren estatutuetan zehaztutako zereginera ez baziren mugatzen. Confebasken ustez ELA eta LAB "ez dagokien izaera" hartzen hasiak daude eta "boikot" dinamika daramate. Patronalarekiko kritiko diren erakunde sindikalak de facto ilegalizatzea zekarren ideia horrek, eta kalapita handia sortu zuen. Confebaskek orduan ere esan zuen ez zuela zerikusirik –gerora CEOEren helegitean jatorri hori nabarmen ikusi zen arren– eta Eusko Jaurlaritzaren beraren iritziz "astakeria" zen. Edonola ere, aferak erakutsi zuen zein puntutan dauden blokeen arteko erlazioak eta noraino iristeko prest egon daitezkeen botere ekonomikoari loturiko ezkutuko eragile batzuk. Baina nola iritsi da sindikatuen eta enpresa-buruen arteko gatazka horraino? 2007an krisia lehertu zenean, finantza-banku erregulatzaileek langileen eskubideak murrizteko baliatu zuten abagunea, Europan zein Euskal Herrian. Hala, Espainiako gobernuek urteotan egindako lan erreformek erabateko desoreka ekarri dute negoziazio kolektiboan; ELAko idazkari nagusi Adolfo Txiki Muñozek astekari honi gordin azaldu dio erreformen ondorioa: "Patronalak ere ez zuen espero hainbeste botere emango ziotenik". Espainiako lan erreformak: patronalak joko-arauak poltsikoan 2011ko ekainean José Luis Rodríguez Zapateroren gobernu sozialistak negoziazio kolektiboa erreformatzeko lege proiektua onartu zuen. Besteak beste ahalmen gehiago eman zion enpresa bakoitzari aurretik adostutako hitzarmenak aldatzeko, sektore-hitzarmenen kalterako. Baina horretaz gain, hemengo lan harremanen esparrua bete betean jo zuen, estatu mailako hitzarmenak probintziakoei lehenetsiz eta aukera emanez Madrilgo sindikatuei (CCOO eta UGT) eta patronalari (CEOE) erkidegoetan adostutakoa galarazi edo mugatzeko. Hitz bakarrean esanda: estatalizazioa. Eraikuntzaren sektoreko CNC enpresen konfederazio nazionala izan zen lehena mauka profitatzen. 2012ko urtarrilean UGT eta CCOOrekin estatu hitzarmena sinatu zuen, beretzat gordez soldatak, mugikortasuna, lan-orduak eta beste hainbat gai garrantzitsu, eta edukiz hustuz euskal langileentzat askoz hobeak ziren lurraldeetako itunak; "lan baldintzen homogeneizazioa" zuten helburu. Geroztik halako beste asko etorri dira. 2011ko abenduko hauteskundeen ondoren Rajoyk ia hatz bakarrarekin ezarritako lan erreforma basatiari azken hamarkadetako greba orokor indartsuenarekin erantzun zioten langileek Euskal Herrian. Baina hala ere enpresa-buruek hainbeste desio zuten ultraaktibitatearen amaiera ekarri zuen: lehen, hitzarmen berria sinatu ezean, zaharrak jarraitzen zuen indarrean, iraungita egonik ere; orain, automatikoki estatu mailako hitzarmena edo, halakorik izan ezean, Langileen Estatutua aplikatzen zaie beharginei. Panorama ilun horretan, sindikatu abertzaleak negoziaziorako tresnarik gabe geratu dira joko-arauak poltsikoan dituen Goliat gorbatadunaren aurrean. Erremediorik gabe ekintza sindikala dute orain habaila, eta kalea konfrontaziorako harri. Estrategia diferentea dute ordea. ELAk, sektore hitzarmenen ahulezia ikusita enpresetan jarri du indarra. LABek, bere aldetik, hitzarmen orokorrak blindatzeko saiakerak egin ditu hainbat forotan, arrakasta askorik gabe baina: "Patronalak hitzarmen merkeak nahi ditu, eta hori askoz errazago lortzen du Madrilen", dio LABeko negoziazio kolektiborako arduradun Garbiñe Aranburuk. Hitzarmen autonomiko edo sektorialen aldeko ekimenekin segiko dutela ziurtatu du, hala ere, LABeko kideak. Blokeoa datutan ere zenbatu daiteke. Lan Harremanen Kontseiluaren azken buletin soziolaboralean ikus daitekeenez abuztuan langileen ia erdiak (%46,2) oraindik berritzeko zuen hitzarmena, 253.993 lagunek hain zuzen; beste 110.167 hitzarmenik gabe zeuden (%20) eta soilik heren batek (%33,8) zuen eguneraturik bere lan baldintzak arautzen dituen testua, hau da, 185.472 langilek. ez ohiko irudia: Ainhoa Etxaide (LAB) eta Adolfo Muñozen (ELA) agerraldi bateratua, lan hitzarmenetan gehiengo sindikala baztertzeko asmoa zegoela jakin eta gero (argazkia: Argazki Press) Ultraaktibitatearen amaierak zerikusi zuzena du estatistika horiekin. 2013ko uztailaren 7an 300.000 behargin geratu ziren hitzarmenik gabe, patronalak enpresa-buruei eskatu zielako uztailaren 8ra arte ez negoziatzeko, egun horretan indarrean sartu zen Rajoyren erreformak zekarzkien abantailak poltsikoan izateko. Jokaldi horrekin soldata jaitsierak eta baldintza prekarioagoak inposatu ahal izango zituzten. Lan gatazkak epaitegietara eramatea ekarri du horrek guztiak, hitzarmen askok ultraaktibitatea blindatzeko klausula espezifikoak dituztelako. Auzitegi Gorenaren epaiek lan erreforma nokeatu dute, baina enpresariek hari helduta segitzen dute negoziazio ororen kartak markatzeko.  Elkarrizketa Sozialerako Mahaian eseri? 2014ko abenduan, Eusko Jaurlaritzak "Elkarrizketa Sozialerako Mahaia" jarri zuen martxan, "konfrontazio hutsak etsaia identifikatzeko baino ez du balio", azaldu zuen Enplegu eta Gizarte Gaietarako orduko sailburu Juan Mari Aburtok. Baina mahaia herren jaio zen, LABek eta ELAk uko egin diotelako beraiek "ilegalizatzeko azpilanean" ibilitako patronalarekin esertzeari; murrizketak "legitimatzeko" baizik ez du balio izango haien iritziz. CCOOk eta UGTk, ordea, foro horretan parte hartzeko arrazoiak ikusi dituzte hasieratik "enplegua sortu eta pertsonen ongizatea hobetzea helburu" izaki. Bi urteko ibilbide gorabeheratsuan Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak apenas egin du urratsik lan harremanen arloan –CCOO sindikatua bera ere behin baino gehiagotan altxa da mahaitik, Eusko Jaurlaritzak ez dituelako martxan jarri han adostutako neurriak–. Gehiengo sindikal abertzaleak salatu du CCOO eta UGTren hipokrisia, Euskal Herrian mahai horretan hitzarmen sektoriala defendatzen duten bitartean, Zapateroren erreforma baliatzen ari direlako estatalizazioaren bidez negoziazioa Madrilera eraman, monopolizatu, eta baldintza kaskarragoak dituzten itun orokorrak presaka ezartzeko. Unai Sordo sindikatuaren idazkari nagusiaren ustez, baina, negoziazio kolektiboaren korapiloa ez dago estatuko legeek eta hitzarmenek esaten dutenagatik harrapatuta, baizik eta ELAk –eta neurri batean LABek– hitzarmen kolektiborik ez izateko estrategia "kaltegarria" darabilelako, konfrontazioa enpresaz enpresa eramateko. Egoera horri irteera emateko sinatu dute, diotenez, eragin mugatuko hitzarmenen akordioa uztailean. CCOOk eta UGTk Jaurlaritzarekin eta Confebaskekin negoziazio kolektiboaz egin akordio hori estatalizazioa gerarazteko dela ematen du aditzera onartutako testuak, "lurraldeko sektore hitzarmenaren aldeko apustua" egiten baitu. Besterik da zer nolako berme eta baldintza eskaintzen duten. Defendatu al daiteke euskal lan harremanen esparrua, erabakimena Madrilen baldin badago? Eragin mugatuko hitzarmenen akordioak "ez du ezer blindatzen" Enpresa edo sektore batean aplikazio orokorreko itunik ez balego –eta ikusi dugu asko eta asko egoera horretan daudela momentu honetan–, gutxiengoan dauden sindikatuek patronalarekin lan baldintzak adostu ditzakete, eta langileek hitzarmen horretara gehitzeko aukera izango dute. Hori dira "eragin mugatuko hitzarmenak". Eusko Jaurlaritzak erregistratu eta argitaratu egingo ditu, izaera ofiziala emanez. "Zidor antidemokratikoa", "iruzurra", "aurrekari gabekoa"… LAB eta ELA sindikatuek hitz oso gogorrak erabili dituzte ituna sinatu denetik hura kalifikatzeko . Euren esanetan, langileek botoen bidez aukeratutakoari muzin egiten dio eta gutxiengo baten nahia inposatzen dio gehiengoari. Irailaren 20an, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaren erdian Gasteizen manifestazioa egin zuten "euskal langileek modu erabat zilegizkoan" hautatutako ELA eta LABen milaka delegatuk. Amaieran, Muñozek konparaketa ukigarri batekin azaldu zion Iñigo Urkullu lehendakariari nola sentitzen diren: "Baten batek esaten badu zure alderdiaren 27 eserlekuak parlamentuan hutsaren hurrengo direla, ondo irudituko litzaizuke? Ba, hori bera egin nahi dute gurekin". Ángel Toña sailburuaren aburuz, aldiz, "maltzurkeria" da akordioa antidemokratikotzat jotzea, langileak indibidualki batzea eskatzen baitu eta ez dio eragiten sinatzen ez duenari.  "Demokrazia parte-hartzea da –dio Toñak– baina baita konpromisoa ere, eta akordioak lortzeko beharrezkoa da irtenbideak aurki daitezkeen foroetara jotzea". Bere esanetan, hitzarmenik eta erreferentziarik gabe geratu diren 380.000 langileei alternatiba eskaini nahi diete. Raúl Arza euskal erkidegoko UGTko idazkari nagusia ere iritzi berekoa da, hots, langile horien guztien lan baldintzak "eguneratu" ahal izango direla. Zaila dute ordea gehiengo sindikalak apo hori irenstea: "Akordioak ez du ezer blindatzen –diote ELAk eta LABek elkarrekin egindako balorazio dokumentu zabalean–, Confebaskek ez du bertoko negoziazio kolektiboko markoa blindatuko duen egiturazko inolako akordiorik behar". Euren esanetan, estatalizazioak segitzen du patronalari aukera  ematen milaka langileri "xantaia" egiteko. Uztailaren 22an sinatu zuten Lakuan eragin mugatuko hitzarmenak egiteko akordioa. Irudian ezker-eskuin: Roberto Larrañaga Confebask enpresarien elkarteko presidentea; Arantza Tapia, Ángel Toña eta Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Enplegu eta Hezkuntza sailburuak; eta Unai Sordo eta Raúl Arza, CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiak (Argazkia: Argazki Press) Ekaitza eta beste lan erreforma bat zerumugan Eta epe ertainean zer? Ezin esan konponbidea gertu dagoenik, ekaitz hodei trinkoak ikusten dira urrunean. Jadanik hasi dira eragin mugatuko hitzarmenak ezartzen. Araban metalgintzan akordioa sinatu dute duela gutxi SEA enpresaburuen elkarteak, CCOOk eta UGTk ; eta Eusko Jaurlaritzak lurralde horretako aldizkari orokorrean argitaratu du, nahiz eta sindikatu horien pisua %30 ere ez den metalaren arloan. Euskal sindikatuek, bestalde, euren eskura dituzten tresna guztiak erabiliko dituzte estatalizazioari mugak jartzeko. ELAk Europara jotzeko asmoa ere azaldu du estatu mailako ostalaritza ituna dela-eta. Madrilen sinatutako itun horren klausula batek galarazten du sektoreari dagozkionak beste inon negoziatzea kontrol batzorde baten baimenik gabe, eta ondorioz  langileek euren soldataren %50 galdu dute, urteko lanaldia 50 orduz luzatu dieten bitartean. ELAk Estrasburgora eramango du kasua, sindikatu bati bere eremuan negoziatzeko ahalmena ukatzea nazioarteko legearen kontra doala uste baitu. Baina lainorik potoloena beste bat da eta atzean dator. Sindikatuek behin baino gehiagotan adierazi dute kapitalaren botere faktikoak beste lan erreforma bat ari direla prestatzen langileak are gehiago estutzeko. Zantzuak hor daude. Esaterako, Garbiñe Biurrun epailearen ustez, Europako Justizia Auzitegiak behin behineko langileen kaleratze merkeak debekatuz emandako epaia "aitzakia" bezala erabiliko dute, lan kontratuen inguruko legea aldatzeko. Eta batez ere, Troika eskean ari da berriz. Bruselak azaldu berri du Espainiak 5.500 milioi euro murriztu behar dituela defizit muga betetzeko. Eta ez du ematen, preseski, diru hori aterako denik joko-arauak egiten dituztenen poltsikotik.
news
argia-eb31ae12f781
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/davide-cabaleiro.html
"Galiziaren eta Euskal Herriaren arteko harremana intimoa da"
Jabi Zabala
2016-11-06
"Galiziaren eta Euskal Herriaren arteko harremana intimoa da" Davide Cabaleirok (A Corunha, 1982) ez du familiarik gurean; erdia Galizian eta beste erdia Kuban du, aita han sortua baita. Kulturatik etorri zitzaion euskararekiko eta Euskal Herriarekiko jakingura, musikatik batez ere. Gurera etorrita, hemengo galiziar immigrazioaren dimentsioaz ohartu eta kontatu behar zuela erabaki zuen. Bertoko galiziarren historia eta historiak biltzen ari da Sitio distinto film dokumentalean, sustraiak Galizian eta adarrak gurean dituen giza talde handiarena. Nola sortu zitzaizun Euskal Herriarekiko interesa? Ikasle garaian, institutuan, kultura zapaldua iruditzen zitzaidalako, inguruan harresi modukoa zuena. Gaur egun internet dago, baina orduan kaseteak eta CDak zeuden. Galizian Milladoiroren eskutik Oskorri ezagutu genuen, Anton Reixaren eskutik Negu Gorriak… Euskal musikaren oihartzunak heltzen zitzaizkigun, eta hizkuntza arraro harenak... Gurera etortzeko egin zenuen bidea euskaratik eta Irlandatik pasatzen da. Galiziako telebistan lan egin ondoren Irlandara joan nintzen urtebetez, ingelesa ikastera, eta bertan Isaac Xubin galiziarra ezagutu nuen. Cork-eko Unibertsitatean euskara eskolak ematen zituen eta berak bultzatu ninduen izena ematera. Galiziara itzulita, ikus-entzunezkoekin lotutako ikasketak nahi nituen egin eta Katalunian egitea pentsatu nuen hasieran baina lagun batek Andoaingo eskolaren berri eman zidan eta izena eman nuen han. Bi urte Gipuzkoan eta, ondoren, beste lau urte eman ditut Bilbon. Nola sortu zen Sitio distinto egiteko ideia? Nire hasierako asmoa Bilboko Masustegi auzoan film laburra egitea zen, Galizian nola eraiki den erakusteko adibide ona baita. Euskal baserria ondo antolatutakoa da; Galizian berriz, galiziar feismoa dago errotua: egin eta kito. Masustegi eredu kaotiko horrekin eginda dago, favela bat da. Apurka-apurka, beste erreferentzia batzuekin mapa bat marrazten hasi nintzen, eta orain dokumental luze bihurtu da. Hemengo Galiziarren historia kontatzea eta bi herrien arteko loturak azaltzea dira helburuak, lotura sozialak eta batez ere kulturalak. Zeintzuk dira mapa horretako mugarriak? Asko dira. Masustegiz gain, Ezkerraldea, Errenteria... Trintxerpe galiziarrak jasotzeko sortu zen. Arrantzaren bidez hizkuntza berezia sortu da, adibidez, Galiziako portuetan "txo" entzuten da, eta Ondarroan "amarra peixe". Kulturarekin lotuta, Oiartzun aipa daiteke, Concha Murgia oiartzuarra Rosalía de Castroren amaginarreba izan baitzen, Manuel Murguiaren ama. Laudion komunitate indartsua dago, egun ere. Barakaldon, galiziar zentroaren inguruko 347 etxebizitza euren ekimenez eraiki ziren, O barrio dos galegos delakoan. Astero enpanada eta gainerako gauzak Galiziatik ekartzen dituzte kamioi batean. Nola deskribatuko zenuke Galiziaren eta Euskal Herriaren arteko harremana? Intimoa, hurbila. Historia pertsonalak, jendearen esperientziak, itzelak dira. Ondarrutar gazte batek, adibidez, bazekien bere aitona galiziarra zela baina gehiagorik ez. Ikertzen hasi eta konturatu zen bere koadrilako gehienak jatorri galiziarrekoak zirela. Hirugarren belaunaldikoa izanik, bere jatorrizko familiaren lorratza galdua zuen, baina aitonaren herrira joan eta familia aurkitu zuen.     60ko hamarkadan iritsi ziren galiziar etorkin gehienak. Bai, baina baita askoz lehenago ere. Ondarroan guda baino lehen, eta Barakaldon 1901ean sortu zen galiziar zentroa, Europako lehena, ordurako galiziar kopuru handia baitzegoen Ezkerraldean eta meategietan. Gallartan 1860an jada baziren galiziarrak. Nolakoa izan da galiziarren integrazioa gurean? Egun ezberdina da, baina lehenengo belaunaldiarentzat gogorra izan behar zuen oso. Tren batera igo eta ezezagunera bidean: Zaragozara, Donostiara… Eurentzat leku ezberdina behar zuen derrigorrez, sitio distinto bat. Errealitate ezberdina sortu zuten, ghetto bat, hemengoentzat ezberdina zen giro bat. Baina beste ikuspuntu batetik begiratu zitzaien hemen, ez baitziren lanera etorri bakarrik, motxilan sartuta beraien kultura eta hizkuntza ekarri baitzituzten. "Errespetua sorrarazten zigun euren hizkuntzan berbetan ikusteak", esan didate hemengo lekuko batzuek. Loturak sortu ziren, Manuel Maria eta Gabriel Aresti kasu. Oso interesgarria da harreman hori, Galiziarrak Bizkaian liburuan kontatzen den historia bat da. Hemengo langileek eta Galiziatik etorritakoek lantokietan egin zuten topo eta eskubideak borrokatu. Olerkiak irakurtzen, Maria eta Arestiren kasuan, harremana sortu zen, elkar ezagutzeko gogoa. Jende askoren laguntza izan duzu dokumentalean. Bai, Xosé Estevez, Dani Alvarez, Joxe Mari Agirretxe, Xabier Amuriza, Iñaki Anasagasti, Anton Reixa, Sechu Sende... Ekoizpenean Zirriborro ekoiztetxeko lagunak izan ditut bidelagun, Santi eta Jokin, euretako baten aitona galiziarra zen eta bere sustraiak bilatzen ari dira orain. Irratsaioa ere hasi behar duzu beste lagun batzuekin. Zer entzungo dugu hor? Ireki gaiola saioa hasiko gara egiten Bilbo Hiria irratian, Galizaleak elkarteko lagunekin. Tamalez ni naiz lantaldeko euskaldun bakarra, gainerakoa galegoz egingo dugu. Gehienbat kultura gaiak jorratuko ditugu, beste Galizia bat ezagutuko duzue, koloretsua, freskoa… Sanxenxotik harago joango gara, benetako Galizia ezagutzeko.
news
argia-33d3141f481d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/sortu-birfundazioaren-oinarriak.html
Sortu, birfundazioaren oinarriak
Xabier Letona
2016-11-06
Sortu, birfundazioaren oinarriak Gatazkaren ustezko konponbidearen aparretan abiatu zen Sortu, duela ia sei urte. Gainera, EH Bilduk arrakasta politiko handia lortu zuen lehen urratsetan. Baina aparrak lokatz bilakatu ziren eta, PPren gobernua aurrez aurre, lubakian harrapatua geratu zen izar berria. Hortik dator berfundazioa. Arrakastaren ondoren hauteskunde emaitza txarrak ere etorri ziren ezkerreko independentismoan. Hainbat arrazoi tartean, gertuko asko ere urrutiratzen hasi zitzaizkion. Estrategia politiko-militarretik soilik estrategia politikora iragateko jauzia itzela zen, eta ez zuen asmatu horretarako kultura politiko berririk sortzen. Hori da orain birfundazioarekin egin nahi duena. Uztailean hasi zen prozesuan, kongresua egingo du urtarrilaren 22an eta Konferentzia Politikoa 2017ko irailean.     Arnaldo Otegik gidatutako 34 pertsonak prestatu dute Zohardia ponentzia , kongresurako oinarri ideologikoak, ildo politikoa eta antolakuntza eredua finkatuz. 'Zohardia' GALek hildako Josu Muguruzak Egin-en erabilitako goitizena zen. "60 urteko borrokaldi oparoaren ondoren", Sortuk dio herri honen egoera argi gorriak pizteko modukoa dela, "oldarraldi neoliberalaren aintzinean eta tresna burujaberik gabe", Euskal Herriak atzerapausoak eman dituela hainbat alorretan. Herri honen pultsua motel nabari du, baina aldi berean, Euskal Errepublikaraino iristeko baldintzak ere sumatzen ditu. Ondorengo lerroak ponentzietako testuetan oinarritzen dira, baina ez dira haien laburpena, doinu zahar eta berrien arteko kontraste txiki bat baino, Sortu berriaren melodiaz irakurleari hainbat pista emango dizkiola pentsatuak. Ponentzia gehiago aurkezteko aukera irekia dago, baina hiru alorretan aurkeztu behar dira: ideologikoan, ildo politikoan eta antolaketan; eta zuzendaritza taldea ere aurkeztu behar da. Ez da espero inork beste ponentzia oso bat aurkeztea. Abian. Sortuk, LABek eta Ernaik egindako hausnarketa prozesua izan zen eta martxoan bukatu zenean, Ezker Abertzalearen birfundazioa agindu zuen. Sortu egiten ari da berea eta Ernaik –2017ko apirilerako iragarri du– eta LABek ere egin beharko dute haiena. Sorturen izaera. Iraultzailea, alderdi-mugimendua, demokrazia armonikoaren aldekoa, konfederalista, sozialista, azterketa sozialerako marxismoa darabilena, abertzalea eta internazionalista, feminista, nazio mailakoa, euskalduna. Euskal Errepublika. Bere eraikuntza egungo errealitate instituzionaletik abiatzen da eta hiru lurralde-esparru ditu: EAE, Nafarroa eta Iparraldea. Egunerokotasunean harremanak estutzeko lana egingo da, baina bakoitzak bere erritmoa eramango du Euskal Errepublikan bat egin arte. Eredu konfederala. Konfederazioaren gaia beti ibili da dantzan Ezker Abertzalearen testu politikoetan. Aralarrek bere egin zuen sortu zenean, EH Bilduren Euskal Bidean ere agertzen zen 2013an eta orain Sortuk ere bereganatu du. Bi norabidetan: batetik, lurraldeen arteko harreman politiko-instituzionalari dagokiona eta, bestetik, "tokikotasuna estrategikotzat joz botere politikoaren birbanaketa helburu duen praktika politikoari dagokiona". Herritarren batasuna. "Sortu ez da Herritar Batasun berria". Sorturen ustez eginkizun hori EH Bilduri eta EH Bairi dagokie. Haiek dira protagonistak hedabideetan eta mobilizazioetan. Independentziaren bidean Fronte Zabalago baten beharra ere ikusten du, indar politikoez gain, indar sozialak eta sindikalak ere bilduko lituzkeena. Areago, eraldaketa prozesuek, are zabalagoak diren indarren lankidetza ere beharko dutela azpimarratzen da, eta hor kokatzen du Nafarroan aldaketaren aldeko lau indarren gobernu akordioa". Sorturen ustez, EH Bildu eta Sorturen dinamika ez da behar bezala bereiztu azken urteetan, eta aurrerantzean argi bereizi behar da. Abangoardiarik ez. ETA, KAS eta Ekinen izaera abanguardia zalea izan da. Haiek finkatutako helburu eta lerro politikoetan egiten zuen gero bidea ezker abertzale osoak. Orain, EH Bildu, EH Bai eta Fronte Zabala eraikitzen laguntzea da Sorturen eginkizuna, "baina hori guztia egitea tentazio oro-zuzendari, abangoardista eta/edo uniformizatzaile orotatik at". Hainbatetan egiten zaio erreferentzia ideia honi. Burujabetzari buruz, esaterako: "Sorturi ez dagokio bide orri itxi bat aurkeztea (…) Prozesuaren martxa ezin da eliteen arteko akordio aukeren araberakoa izan. Aitzitik, aintzindaritza gizarte zibil antolatuari dagokio". Baita militantearen figuraz ari denean ere: "Lider lemazainaren garaiak iraganeko kontuak dira". Zaharra eta berria. Ezker abertzalearen "azken 60 urteko borrokaldia" goraipatzen du –"biziraupenerako baldintzak sortzea izan da ziklo horren ekarpen historikoa"– baina, "akats historikoa litzateke pentsatzea burujabetza fase berri honetan agortutako tresna, oinarri eta formulen bidez aurrera egin litekeenik". Molde bereko aipamenak ugariak dira, adibidez: "Hunkigarriak ez izateaz gain, sistemarekin apurtzen ez duten mobilizazioen inertzia hautsi behar da", "ezetzaren kulturatik sormenaren kulturara igarotzeko urgentzia dugu", "erresistentzia nortasuna gainditu eta egitasmo nortasunerako jauziaren beharra" edo "jite abangoardistak baztertu eta lidergo demokratikoan oinarrituriko praktika politikoan trebatu beharra". Alderdi-mugimendua. "Sortu ez da ez alderdi ez mugimendu. Biak batera da, halere: mugimendu ez konbentzional bat, alderdi forma eta mugimendu ezaugarriak dituena". Sortuko militanteak parte hartu behar du alor anitzeko gizarte mugimendu, elkarte eta erakundeetan, ez hauek zuzentzeko baizik eta Sorturen helburuak lortzeko ezinbestekoa delako partehartze hori. Europar Batasuna. "Gaur egungo Europar Batasuna proiektu antidemokratiko eta antisozial bat da" baina "Euskal Estatua EB horretan sartzea nahiz at gelditzea" erreferendumez erabaki beharko lukete euskal herritarrek. Herrigintza soziala eta komunitarioa. "Herrigintza soziala deritzogu jendarte berriaren eraikuntzan diharduten herri mugimenduen ekimenari (…) Herrigintza espresio honen adibide jator ugari ezagutu ditugu azken urteetan: Gora Gasteiz, fracking-aren kontrako mugimendua, herri harresiak, Gipuzkoa Zutik, mugimendu feministak egindako ekimen andana, errefuxiatuen aldekoak etab.". Herrigintza komunitarioa da "herri eta auzoak subjektu eratzailetzat hartzen dituen proiektugintza. (…) Azpimarratzekoa da EH Bilduk azken urteetan garatu duen udalgintza". Prozedurak. Hauteskunde primarioak egingo dituzte eta parte-hartze telematikoa bideratuko du. Kongresuaren eta konferentzia politikoaren fase hauetan, nahikoa izango da Sorturen orrialdean izen ematea, ondoren prozesuan eta zuzendaritza berriaren hautaketan parte hartu ahal izateko. Iritzi korronteak. "Sortuk onartzen ditu bere baitan iritzi-korronteak, baina beti ere garbi utzirik ezen hala izateak ez diola automatikoki iritzi-korronte bati eskubiderik ematen zuzendaritza-organoetan ordezkaritza-kuotarik izateko". Militantzia. "Ez badugu lortzen erakundeak beste era batera funtziona dezan, nekez lortuko dugu beste era bateko militanteak eta pertsonak sortzea. Erakundea (hots, militanteok, gu geu baikara, lehen eta azken finean, hura eratzen dugunok) ezin da izan jendea txikitzeko makina bat". Epeak. Azaroak 5-26, ponentzien eta zuzendaritzaren hautaketa; azaroak 27-abenduak 10, zerrenda irekien bidez nazio eta lurralde zuzendaritzaz besteko ardurak proposatzeko, eta emendakinak aurkezteko epea. Urtarrilak 9-22, ponentziei egindako emendakinen eztabaida eta zerrenda irekien hautaketa, urtarrilaren 22ko kongresuarekin amaituko da. Urtarriletik irailera, Konferentzia Politikoaren etapa egingo da. Erreportaje honekin batera, Sortuko zuzendaritzako kide Miren Zabaletarekin ere jorratuko dugu birfundazioaren gaia elkarrizketa honetan.
news
argia-9352f1bdd96c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/miren-zabaleta-sortu.html
"Garai berrirako politika berria behar zen, hori ez zuen behar beste hausnartu ezker abertzaleak"
Xabier Letona
2016-11-06
"Garai berrirako politika berria behar zen, hori ez zuen behar beste hausnartu ezker abertzaleak" Miren Zabaletarekin (Iruñea, 1981) mintzatu gara 35 urte bete dituen egunean. Bateragune auzia dela eta sei urte egin ditu espetxean –iazko urrian atera zen– eta orain Sorturen birfundaziorako zuzendaritza taldean dago. Sorturen zeregin nagusietakoa Ezker Abertzalea dinamizatzea da. Nor da ezker abertzalea gaur egun Sorturentzat? Ezker abertzalearen proiektu historikoarekin bat egiten duena. Herri honetako independentista, aurrerakoi eta ezker zale guztiek badugu aliantzarako espazio bat: EH Bildu eta EH Bai. Aralarrekin, esaterako, hor egin dezakegu topo. Hitz egin al duzue Askatasunaren Bidean eta Eusko Ekintzarekin? Batzuekin aritu gara eta beste batzuekin egotea ere gustatuko litzaiguke. Esan bezala, gure ustez EH Bildu eta EH Bai izan beharko lirateke halakoekin konfluentziarako espazioak. Euren burua independentista eta ezkertiartzat duten eragileekin beharrezko harremana izango du Ezker Abertzaleak. Sortu eta bost urtera birfundatu behar da Sortu. Zer egin du gaizki? Euskal Herrian zabaldu den ziklo politiko berrian jarraitzeko urratsak eman eta anbizioari eustea Sorturen lorpenak dira; horretan asmatu zuen. Garai berriari ekiteko politika berria behar zen eta hori ez zuen behar beste hausnartu Ezker Abertzaleak, hori izan zen akatsa eta horrek eraman gaitu birfundaziora. Zohardia txostenean diozuenez, ezker abertzalearen komunitatean Sorturen konfiantza eta sinesgarritasuna ukituta geratu dira. Zergatik? Ezkertiarrak, independentistak eta ezker abertzalekoak diren sektore eta pertsona askorentzat Sortu urruneko erreferentzia bilakatu da. Guk, aldiz, horiei guztiei erakutsi nahi diegu Sortu haien tresna eraginkorra izan daitekeela. 2011n gatazkaren konponbidea bere jardun politikoaren lehen lerroan jarri zuen Sortuk eta emaitzak txarrak izan ziren. Orain bestela jokatu nahi da, baina zein leku izango du gatazkaren konponbideak praxi politiko berrian? Lehentasunezko esparrua izango da, baina lehentasun hori prozesu soberanista eta independentista orokorrago baten baitan kokatuko dugu. Autokritika argia izan da: gatazkaren ondorioak etengabe lehen lerroan jartzen baditugu, Estatuari gure jarduna baldintzatzeko giltza ematen diogu. Gatazkaren ondorioen eremua desblokeatzeko baldintzak herri honetan lortu beharreko akordioetan daude eta, bereziki, prozesu burujabe-independentista garatzeko norabide horretan. Euskal Errepublika nahi duzue 2026rako, baina galdera ikurra ere jarri diozue datari. Gure ustez herri honetan badira baldintzak prozesu independentista abiarazi eta helmugara eramateko. Horregatik, data jartzea garrantzitsua zen, independentziaren gaia sine die luzatzen den gogoeta gisa utzi gabe. Galdera ikurrak esan nahi du lehenago edo geroago izan daitekeela, baina denbora erronka horrek laguntzen du eman nahi zaion irismena, abiada eta dimentsioa ematen. Bateraguneko kide izateagatik sei urteko kartzela zigorra ordaindu diozue Estatuari. Ezker Abertzalearen barruan ordaindu behar izan duzue bidesaririk? Ez. Ezker abertzaleak egindako estrategia aldaketaren aurpegi-ikonoak bilakatu gara, bereziki Arnaldo Otegi, baina Zutik Euskal Herria milaka militanteren artean egindako bide eta erabakia izan zen. Niretzat ohore handia izan da, nahiz eta, beste hainbat euskal militantek bezala, espetxean larrutik ordaindu genuen.
news
argia-e002e9563b49
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/plazan-dantzan.html
Plazan dantzan
Irati Elorrieta
2016-11-06
Plazan dantzan Irudi batzuk dantzan jarri zaizkit buruan, komunitatearen ideiaz gogoeta egitera naramatenak. Zuekin konpartitu nahi ditut hemen irudi eta gogoeta horiek. Xumeak, egunerokotasunean kokatuak. Plaza bat dago zentroan. Izena, ez dut esango; plaza asko dagoelako eta bakoitzak nahi duen izena jarri diezaiokeelako. Plaza honen bueltan, bankuak daude. Eguerdi aldera hurbiltzen dira lehenak. Kostata iristen dira haraino gehienak. Gurpil-aulkietan hiruzpalau. Aulki horiek bultzatzen, senarra, alaba, langile boliviarra. Batek alzheimerra du hamar urtean, beste batek gaixotasunaren lehen ziztadak. Bati hanka falta zaio, bestea makilaz lagunduta ibili da oraintsu arte. Batzuk isilik, baten bat gerrako istorioak kontatzen; honek ez du entzuten, tarteka begirada galtzen du hark. Zuek ere ezagutzen dituzue; beste plaza batean. Ondoen daudenek (zaintzaile zereginean dauden senideek batez ere) berbeta dinamizatzen dute, han egoteari onena ateratzen saiatzen dira. Ahal dutenean, horretarako indarra dutenean. Eta ez dutenean, beste norbaitek hartu behar du txanda. Gaur zuri, eta bihar neuri. Paseoan datozenak edo erosketak egitetik, ile-apaindegitik, plaza zeharkatu eta hurbilduko dira agurtzera, bromaren bat edo laztanen bat egitera. Propio dator norbait bisitan, bonboiekin. Egun batzuetan norbaiten bilobak edo birbilobak agertuko dira plazan, musuak banatuko dituzte, bostekoak eman bizikleta gainetik, negarraldi bat egin handik jaustean. Denok dakizue zer dakarren horrek plazara.   Ezagutuko duzue plaza, bakoitzak bere berezitasunak dituen arren. Horrek, sahats bikote bat eta purpura koloreko aranondo multzo batez gain, zetazko akaziak ditu eta egun eguzkitsuetan plaza osoari itzala emateko altuera duen aretxa bat. Fruta-denda, harategia, arkupetako tabernetan garajeko kariñoa. Plazaren inguruan egiten du bizia auzoak. Auzo honetara bizitzera etorri ziren aitona-amonak eta komunitate baten kide egin ziren denborarekin, bertokotu. Harriduraz azaltzen zuten hori, jatorriz bertakoak ez zirelako. Ondoko bailaratik etorriak ziren, ez beste kontinente batetik! Komunitatea bilatzea bizirauteko estrategia naturalena da. Honetaz ezer jakin gabe, instintu hutsez, atzerrira bizitzera etorri nintzenean, komuna batean sartu nintzen. Hogei heldu eta hamar bat haurrekin elkar bizitzera. Kasualitatea? Bai zera! Gaur, auzoko jendearekin hartu-emana bilatzen dut. Etxe berean bizi direnekin, beste guraso batzuekin, yogara doazen emakumeekin. Beste batzuk okindegian elkartzen dira, bazterreko tabernan, xake klubean, irakurle talde baten inguruan. Estrategia naturala izanagatik, ez baita berezkoa komunitatea. Egin egiten da, egunetik egunera eta, neurri handi batean, keinuen eta hitzaren bitartez. Nire irudiak zuekin partekatuz, gonbidatu nahi zaituztet komunitate hitzarekin lotzen dituzuen zuon irudi pertsonalak gogora ekartzera. Komunitate horrek zer esan nahi duen eta zer ematen duen pentsatzera. Hain modu instintiboan egiten ditugun eguneroko gauza txiki horien kontzientzia hartuz. Komunitate hitzaren inguruko otoitz bat proposatzen dut. Eta oharkabean termino erlijioso bat infiltratu zaidanez, garai batean komunitateak egituratzeko horrenbesteko boterea zuen eliza hitza ere ekarriko dut. Plazatik hurbil, eliza sekular bat gehituko nioke irudiari. Hara, euria egiten duenerako.
news
argia-6020be021aef
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/castejongo-bigarren-zentrala-ixteko-epaia-eman-du-espainiako-auzitegi-gorenak.html
Castejongo bigarren zentrala ixteko epaia eman du Espainiako Auzitegi Gorenak
Urko Apaolaza Avila
2016-10-27
Castejongo bigarren zentrala ixteko epaia eman du Espainiako Auzitegi Gorenak Zentrala hirigunetik 2.000 metro baino gutxiagora dagoela eta ilegala dela berretsi du epaileak. 2007an eraiki zuten ziklo konbinatuko zentral termikoa itxi egin beharko du Elerebro enpresak. Castejonen hiru zentral termiko daude, horietako bakarrak dauka oraingoz martxan jarraitzeko baimena. Beste biek auzitegien bidetik aurkitu duten euren akabera. Batak duela bost urte jaso zuen Auzitegi Gorenaren ilegaltasun sententzia, besteak joan den urriaren 18an. Goreneko epaileak berretsi egin du 2013an Justizia Auzitegi Nagusiak esandakoa, hau da, instalazioa hirigunetik 2.000 metro baino gutxiagora dagoenez itxi egin behar dela "arriskutsua eta kaltegarria" delako. Hala, atzera bota du Elerebro enpresak –Castejon 1 eta 3 zentralen jabea– jarritako helegitea. 2005ean hasi zuten proiektua eta zentrala 2007an eraiki zuten gas energiaren burbuila gorenean zenean. Herritarrak segituan mobilizatu ziren azpiegituraren kontra, auzitara ere eraman zuten.  UPNren garaian, baina, Nafarroako Gobernuaren erabateko babesa izan zuen zentralaren jardunak, auzibidea urte luzez ez atzera ez aurrera eramateraino. Orain, gobernu aldaketa izan ondoren eta gasaren sektorea amilduta dagoela , Castejonen hezurdura izatera kondenatu ditu justiziak tximinia horiek.
news
argia-336aa7a3aab0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/kardinalak-giltzapean.html
Kardinalak giltzapean
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-11-06
Kardinalak giltzapean Estatu Pontifikalak, 1241eko abuztuaren 22a. Gregorio IX.a aita santua hil zen, eliza katolikoaren eta Erromatar-Germaniar Inperio Sainduko enperadore Frederiko II.aren arteko gatazka betean. Garai hartan Kardinalen Kolegioa osatzen zuten hamabi kardinaletatik bi gatibu zeuzkan enperadoreak. Gainerakoak zatituta zeuden, iritzi eta interes desberdinak medio. Nola lortu enperadorearen eragin zuzena saihestea eta kardinalek luze gabe aita santu berria aukeratzea? Matteo Rosso Orsini senatariak egoerari kirtenetik heldu zion: hamar kardinalak Erromako eraikin zahar batean, erortzear zegoen Septizonio jauregian, giltzapean ( cum clavis ) sartzeko agindua eman zuen. Guardiak jarri zizkien, hautesleek alde egingo ez zutela ziurtatzeko. Elizako goi karguen zerbitzariei ere ez zien sartzen utzi, eta janari urritasunari Erromako udako bero itogarria erantsi zitzaion. Bi hilabete eman zituzten baldintza estu haietan, baina ez denek. Robert Somercotes ingelesak, enperadorearen aldekoa bera, hilabete inguru besterik ez zuen egin giltzapean, irailaren 26an hil baitzen, itxuraz goseak eta beroak jota: bere aldeko kardinalek Somercotes pozoituta hil zutela salatu zuten. Baina ez litzateke harritzekoa higiene eta osasun baldintzen ondorioz gertatu izana. Beste bederatziei ez zieten haren elizkizunetara joateko irteten utzi, medikuei ere ez zieten egonaldi osoan sartzeko aukerarik eman, gorozkiak pilatuz joan ziren... Romano Bonaventura kardinala sede vacante aldia amaitu eta hilabete batzuetara hilko zen, eta heriotza itxialdi gogorrari egotziko zioten. Goffredo da Castiglione Sabinako apezpikuak are gutxiago iraun zuen bizirik. Azkenean, Castiglione aukeratu zuten aita santu. Zelestino IV.a izena hartu zuen eta handik hamazazpi egunera hil zen, azaroaren 10ean, kontsakraziorako ere astirik gabe. Erabaki gutxi hartu ahal izan zituen, horien artean Matteo Rosso Orsini eskumikatzea. Badirudi, luzeago bizi izan balitz, Castiglionek ere enperadorearen aldeko joerari helduko ziola. Hala ere, hori ez zitzaien axola beste kardinalei.  "Ahula, ezjakina eta fanatikoa" omen zen, baina hori ere ez zen traba izan haren alde bozkatzeko. Sabinako apezpikua zaharra zen, osasun arazoak zituen, itxialdiak errematea eman zekiokeen eta, hain zuzen, horrek guztiak egin zuen bereziki papabile. Behin-behineko aita santua nahi zuten, konpromisozkoa, bide laburra egingo zuena, baina gabeziaz betetako jauregi zahar hartako ateak irekiko zizkiena. Bigarren konklabea lehena bezalakoa izango zen beldur, kardinalek Erromatik ihes egin zuten eta ez ziren 1243ra arte itzuli. Bi urte pontifizerik gabe egon eta gero Inozentzio IV.a izendatu zuten eliza katolikoko buru. Horrenbestez, lehen konklabea ez zen eraginkorra izan, baina handik aurrera kardinalak giltzapean sartuko zituzten aita santua aukeratzeko.
news
argia-a2ca5e5a4fd0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/giza-eskubideak-eta-transnazionalak.html
Nazioarteko araudi loteslearen bila, urrats txikiz
Unai Brea
2016-11-06
Nazioarteko araudi loteslearen bila, urrats txikiz Joan den astean amaitu zuen bigarren lan saioa enpresa transnazionalen giza eskubideekiko erantzukizuna finkatzeko zeregina duen NBEko lantaldeak. Iazkoak bezala, adituei entzun eta informazioa jasotzea beste helbururik ez zuen aurtengoak, datorren urterako nazioarteko hitzarmen lotesle baten zirriborroa prestatze aldera. Biltzarrean aditu modura parte hartu duen Juan Hernandez Zubizarreta EHUko irakasleak azaldu digu NBErengandik zer espero daitekeen, eta herri mugimenduak zer eskatzen duen. 2014ko ekainean, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Kontseiluak –47 estatuk osatua–, Ekuador eta Hegoafrikaren proposamen bat aintzat hartuz, ezusteko erabakia hartu zuen : giza eskubideen alorrean enpresa transnazionalek duten erantzukizuna arautzeko Gobernuen Arteko Lantalde bat eratzea. Zehazki, nazioarteko itun lotesle bat proposatzea da lantalde horren eginkizuna. Ohi bezala, Genevan (Suitza) egin zuen bilera Kontseiluak. Bitartean, kanpoko aldean, gizarte zibileko ehunka kidek Herrien Epaitegi Iraunkorrean parte hartu zuten, estatuetako ordezkarien erabakian eragin nahian. Urrats txikia izanagatik, pozez hartu zuten albistea, ordura arte nagusi zen joera hautsi baitzen. "Transnazionalei buruz hitz egiteko garaian", azaldu zuen orduko hartan Juan Hernandez Zubizarreta nazioarteko zuzenbide irakasle eta Herrien Epaitegiko kideak, "NBEren logika arau bigunen logika izan da, enpresa-etikaren barruko erantzukizun korporatiboaren logika, norberaren borondatearen araberakoa". Hitz lauz esanda, zigorrik ekar lezakeen arau loteslerik ez, eskerrik asko. Giza Eskubideen Kontseiluak onartutakoaren arabera, lantalde berriak adituei entzun eta gaiari buruzko informazioa biltzeko erabili behar ditu lehen saio biak, alegia, 2015ekoa eta 2016koa. Etapa hori joan den astean egindako bileran amaitu zen, eta hurrengo pausoa, 2017an, nazioarteko hitzarmen baten zirriborroa aurkeztea eta eztabaidatzea izango da. Ezin igarri noizko adostu litekeen itunaren behin betiko testua, NBE oso biorritmo geldoko erakundea baita, eta azkenean indarrean sartuko den ere ez dago ziurtasun osoz esaterik, besteak beste erresistentzia handiak daudelako NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan bertan. Estatu aberatsenek (AEB, Japonia, Europar Batasuneko guztiak…) Gobernuen Arteko Lantaldea sortzearen aurka bozkatu zuten. Txina eta Errusia izan ziren aldeko botoa eman zuten potentzia bakarrak, "seguruenik geoestrategia arrazoiengatik", Hernandez Zubizarretaren iritziz. Inpunitate sistematikoaren aurka "Ez dakigu lantaldeak aurkeztuko duen zirriborroak noraino egingo duen bat gure eskariekin", azaldu digu EHUko irakasleak. Batetik, herri mugimenduko ordezkari joan da Hernandez Genevara, Dismantle Corporate Power (Korporazioen Boterea Eraitsi) nazioarteko kanpainaren kide gisa. Baina aurten ofizialki ere parte hartu du Kontseiluko bileran, gonbidatutako adituetako bat izan baita. Ohikoa denez, gizarte zibileko elkarteek euren aldarrikapenak eraman dituzte Genevara, Giza Eskubideen Kontseilua bilduta egon den bitartean. (Arg.: Dismantle Corporate Power) "Gaur egun, eta horixe esanez hasi nuen nire agerraldia, transnazionalen inpunitatea sistematikoa da", dio. "Botere izugarria dute, botere politikoa, ekonomikoa, mediatikoa eta juridikoa. Azken horri dagokionez, arrazoia da desoreka handia dagoela transnazionalen eskubideen eta betebeharren artean. Lehenbizikoak babesten dituen zuzenbidea gogorra da, eta betearazi egiten da. Aldiz, haien betebeharrak giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak arautzen ditu, eta zuzenbide hori ahula da". Adibide bat: Lanaren Nazioarteko Erakundeak umeen lanaren aurkako hitzarmena izan arren, estatu batek onar dezake adin batetik gorako haurrek lan egitea, eta bertan ari den transnazionala horretaz balia daiteke estatu horretako legedia urratzen ez duen bitartean, nazioarteko zuzenbideak ez baitio eragozten. "Nazioarteko zuzenbideari hortz-haginak falta zaizkio" Dismantle Corporate Power kanpainak eskatu du, hain zuzen ere, NBEk proposatu behar duen itunak transnazionalak behartzea, une oro eta dauden herrialdean daudela, nazioarteko zuzenbidea errespetatzera, tokian tokikoa ez ezik. "Horrez gain, uste dugu, eta hau oso garrantzitsua da guretzat, hori guztia betearaziko duen auzitegi bat sortu behar dela", dio Juan Hernandez Zubizarretak; "izan ere, aditu askok esaten duten bezala, nazioarteko zuzenbideari hortz-haginak falta zaizkio, ez du hozka egiten. Oso hitzarmen onak eduki ditzakezu, baina betearaziko duen organorik ez badago ez du askorik balio". Edozein kasutan, mota horretako nazioarteko auzitegi bat sortzea oso helburu zailtzat du irakasleak, "ez baita batere erraza izango estatuek halako zerbait onartzea". Hainbat elkartek eskatu dute transnazionalek egiten dituzten giza eskubideen urraketak epaitzeko nazioarteko auzitegi bat sortzea, baina ez da erraza izango estatuek hori onartzea Ezaugarri horiek dituen auzitegirik sortzen ez den bitartean, zuzenbidean estraterritorialitate esaten zaiona erabil liteke transnazionalek giza eskubideei egindako urraketak salatu eta epaitzeko; Dismantle Corporate Power kanpainaren beste eskarietako bat da hori. "Estraterritorialitateak lekarke edonork salatu ahal izatea transnazional bat, ez eskubide urraketa gertatu den herrialdean bakarrik, baizik eta transnazional horrek egoitza nagusia duen tokian", azaldu du Hernandez Zubizarretak. 2013ko apirilean Bangladesheko hiriburuan, Dakhan, 1.000 pertsona baino gehiagoren heriotza eragin zuen eraikinaren erorketa ekarri du gogora irakasleak. Eraikinaren egoera tamalgarriak eragin zuen ezbeharra; arrakala handiak agertu arren, langileek bertan jarraitu zuten, hainbat transnazionalentzat arropa egiten. "Enpresa horietako bat El Corte Inglés espainiarra da; bada, estraterritorialitatearen neurria ezarriko balitz aukera legoke, gaur ez bezala, Bangladesheko gertakariak direla-eta El Corte Inglésen aurka salaketa jartzeko Madrilgo epaitegi batean".      Erantzukizuna nori dagokion finkatzea, erronka handienetakoa Adibidetzat enpresa hori ipintzea ez da  kasualitatea. Izan ere, El Corte Inglések ez du modu zuzenean lan egiten Bangladeshen, bertako enpresak azpikontratatuz baizik. "Baldintzak berak ezartzen ditu ordea; transnazionalek erabil ditzaketen bitarteko juridiko ugarietako bat da: tokian tokiko enpresak kontratatzea. Azkenean, zer erantzukizun zibil, penal… izan du El Corte Inglések Bangladeshen? Bat ere ez". Sortu behar den itunak hori saihesteko arma izan beharko litzatekeela uste du Hernandezek: "Ekoizpen-kate osoan ezarri behar da erantzukizuna". Transnazionala zer den definitzea izango da, hain justu, Giza Eskubideen Kontseiluko lantaldearen zereginik zailenetako bat. Eta estatu aberatsenen nahiaren aurka egin beharko du. Gizarte mugimenduan dagoeneko sortu da zalantza: boteredunek erabat urardotzea lortuko balute, merezi luke nazioarteko hitzarmena egitea? Denborak esango du, eta itxura osoz, ez da denbora laburra izango.
news
argia-2bc36c5e06a9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/amaia-ezpeldoi-hil-dugu.html
Amaia Ezpeldoi hil dugu
Jakoba Errekondo
2016-11-06
Amaia Ezpeldoi hil dugu "Intziri handi gaiñialat / herrekatik zen elkhitzen / ezpeldoietan dütügü / ützirik ürrüntzütützen", idatzi zuen Junes Casenave-Harigilek Santa Grazi pastoralean. Pirinioetako ezpeldoiak bere onenean ezagutu ditu bizi duen ia mendean idazle zuberotarrak. Apaizten ari zela Palestinan ezagutu zituen bertako jendearen sarraskien tankerakoa bizi dute egun bere herriko ezpeldoi, ezpeldi, ezpeleta eta ezpelategiek. Etorkizuneko zuberotarrek ezagutuko ote dute egun arterako ezpeldoien tankerakorik? Nahikoa lan. Ezpela ( Buxus sempervirens ) ugaria da Euskal Herri hezeko mendi natural samarretan. Zuhaixka sendo, gogor, trinko, egur sendo eta zur zurrunekoa da. Zaildutakoa. Urte batzuk badira indarrean erasotzen duen onddo bat azaldu zela: Cylindrocladium buxicola . Kanpotik kutsatutako landareak ekarri eta etxekalte. Gure ustez menderaezina zen landarea, gotorretan gotorra, hiltzen du, zerk eta onddo ziztrin batek. Hori gutxitxo, nonbait, eta goitik behera hosto eta azal, landarearen guritasun guztiak hozkadaka jaten dituen har bat ekarri dugu: Cydalima perspectalis . Gure merkatari senak Asiatik ekarri zuen Alemaniara duela hamarkadaren bat eta urte gutxian Europa osoa kolonizatu du. Erabat soiltzen ditu ezpelak. Lehengo batean Bortzirietan barna nenbilela, negargura sortzen zuen garai bateko pendiz ezpeltsu distiratsuak gorri-gorri eginda ikusteak. Gure erosle aseezin zaina tarteko, laster Amaia Ezpeldoi zebagaitza ere hilko dugu.
news
argia-e2d64e5a9e65
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/angel-mariezkurrena-kantu-bazkari-antolatzailea.html
"Ez du inporta besteen aurrean zirrara sentitzen baduzu, hori du ona kanta zaharrak"
Reyes Ilintxeta
2016-11-06
"Ez du inporta besteen aurrean zirrara sentitzen baduzu, hori du ona kanta zaharrak" Angel Mariezkurrenak antolatutako kanta zaharren bazkariak bidaia musikal, gastronomiko eta emozionalak dira. Hori lortzeko kanta zaharrak txirikordatu egiten ditu joaldun, musikari, dantzari eta hamaika sorpresarekin, orkestra zuzendari trebearen moduan. Kanta zaharrekiko maitasuna nondik heldu zaizu? Aita-ama eta senideen ondoan beti kantuan aritu izan naiz txikitatik. Nire aita zenak inoiz entzun dudan ahotsik ederrena zuen. Zeinen lastima grabatu ez izana. Aitak goiti kantatzen zuen eta amak behetik. Berezkoa zuten kantua. Lehen, jendea herrian barrena edo herritik herrira ostatuetan kantari ibiltzen zen, eta hori da betidanik ezagutu dugun giroa. Eratsunen, gainera, nire txikitako garaian oso gauza berezia gertatzen zen. 40 gazte inguru urte hasieran joaten ziren mendira lanera eta Eratsungo festetarako, irailaren 8rako, itzuli. Denak batera iristen ziren, bozinak joka eta plazako bazterretan herri osoa zain egoten ginen. Eratsungo festetan, Eguberrietan eta Erregeak pasatuta lehenbiziko larunbatean egiten ziren inauterietan, dena kantua zen. Ondoren, gazteek alde egiten zuten mendira. Saioak antolatzen hasi baino lehen,  pare bat urtez ibili nintzen etxez etxe eta baserriz baserri kanta zaharrak berreskuratzen. Beheko suaren ondoan eseri eta aitatxi-amatxiek kantatzen zutena idazten nuen. Internet mundua zer zen ere ez nekien orduan eta horrela kanta asko ezagutu nituen. Sunbillako apaizak ere asko eman zizkidan. Afizioa nola bihurtu zitzaizun ofizio? 27 urte daramatzagu Baztango 67ko kintoen bazkaria egiten eta han ere abesteko ohitura handia dute, baina kantatzen hasi eta jendeak letra asko ez dakizkielako abesti guztiak lalala-rekin bukatzen genituela ikusten nuen. Duela hamabi urte, pentsatu genuen zergatik ez egin kantu bazkari bat eta letren fotokopiak jarri plateren ondoan, gero gustura kantatzeko. Horrela antolatu genuen bazkaria Sunbillako Ulibeltzak elkartean, pentsatuz etxekoak, 40 bat lagun, hurbilduko zirela. Dena bete zen, 109 pertsona! Ateak zabaldu eta kanpoan ere jende pila zegoen gustura aditzen eta kantatzen. Ez genuen halako arrakastarik espero. Hurrengo urtean, Elizondoko Lur aretoan antolatu genuen beste bat. Sartu ziren 250 lagun bazkaltzeko eta arratsaldean 800 bat heldu ziren kantatzera. Dena bete zen, polita, ederra, oso ongi pasa zuen jendeak. Alex Mujikak egin zuen bazkaria uso eta onddoekin, eta han izan ziren Jaione Olazabal, Xabier Euskitze… baina Sunbillakoa epela eta goxoa izan zen bezala, hau hotza iruditu zitzaidan, tokiarengatik. Kanta zaharrak goxotasuna eskatzen du, eta janaria. Sasoian sasoikoa. Horrek ere badu bere xarma. Jose Angel Elizalde soinu-jotzailea zegoen han nirekin eta berak esan zidan oso toki polita zegoela horretarako Dantxarinean [Urdazubiko auzoa], Benta Peion. Lugaran jatetxea da, Martiko familiarena. Ikustera joan nintzen eta haiei ere asko gustatu zitzaien ideia. Gainera, haien aita oso kantuzalea da. Azaroaren azkeneko larunbaterako gelditu ginen bazkaria egiteko. Zergatik data horretan? Ehiza garaia ordurako bukatua delako eta Eguberriak oraindik ailegatzeko, astebukaera aproposa da. Izugarri laguntzen dit Martiko familia osoak, urtero-urtero. Tokia dena da harria, egurra… oso goxoa, eta handia, 500 bat pertsona sartzen dira eta dena bete-betea egoten da. Egun horretan denetik dago: kantua, joaldunak, dantzariak, musikariak, sorpresak… Eguerdian hasi eta 22:30ak arte hantxe. Kantu bazkariekin hasi nintzen, gero kontzertuekin segi, eta duela bost urte kamioia utzi eta soilik honetan aritzea erabaki nuen.  Enkarguz egin zenuen lehen kontzertua erre zen baserri baten aldekoa izan zen? Bai, 2010ean. Leitzako Arkiskil auzoko Musun baserria erabat kiskalita gelditu zen otsailaren 28an eta haren alde kontzertu handia antolatzeko esan zidaten. Pantxoa eta Peio, Erramun Martikorena, Jaione Olazabal, dantzariak, abesbatzak… plazan bi eszenatoki paratu genituen eta oso polita gelditu zen. 2012an Bilboko Euskaldunan antolatu nuen Xabier Lete, Imanol eta Laboari egin zitzaien omenaldia. Kanta zaharrak ez du mugarik. Zer eman dizute kanta zaharrek? Gauza asko. Pentsatzeko modua, hasteko. Ez du inporta nor duzun ezkerrean eta nor eskuinean, edo nola pentsatzen duen bakoitzak. Kulturak denok elkartzeko balio du. Kanta zahar gehienak, %90, bertso zaharrak dira eta haietan biltzen da Euskal Herriko historia: elizako kontuak, kirolekoak, artzainenak, arrantzaleenak, familiarenak, Ameriketakoak, gerrak… Niretzat estudiorik handiena, karrerarik handiena, horiek guztiak hitzez hitz entzutea da. Asko ez dakigu norenak diren, baina beste batzuetan ikusten dira Xenpelar, Txirrita… mila bertsolari bikain. Euskal Herrian bertsolariak dauden bitartean kanta zaharrak egonen dira. Bertsolari gazteak ikustea gauza handia da. Lehengo egunean sorpresa polita izan nuen, non eta etxean. Bazkaria prestatzen ari nintzen sukaldean eta seme zaharrena ikasten ari zelarik, kantuan aditu. Kanta zaharrak gustatzen zaizkio, bere anaiari bezala. Bi semeak aitaren atzetik dabiltza harat eta honat. Iruditu zitzaidan Txirritaren bertsoak zirela, baina ez, Lazkao Txikirenak ziren, ispiluaren aurrean botatakoak. Oso politak. Pentsatzen nuen irakurtzen ari zela, baina buruz ikasiak zituen guztiak. Sorpresa ederra hartu nuen. Orain, semeak sarrerak eskatu dizkit bere kuadrilla osoak Dantxarinera joan nahi duelako. Oso-oso polita da horren jende gaztea kantuaren inguruan ikustea. Iaz 500etik 200 bat ziren gazte-gazteak, eta emakume gehiago gizasemeak baino. Horrek poz handia ematen dit erakusten duelako denak berdinak garela. Sunbillan, ostatuan emakumeak musean jokatzen ikusi nituen lehen aldian harrituta gelditu nintzen, Eratsunen ez nuelako inoiz ikusita, eta polita da ikustea nola ari diren gauzak onerako aldatzen. Baluarte Biltzar Jauregia goraino bete zenuen Iruñea Kantuan saioarekin, UPNren garaian… Duela lau urte antolatu nuen lehenbiziko aldiz eta oraindik garai zailak baziren ere, aurrera ateratzea lortu genuen. Oso nekeza da kulturaren alorrean bizimodua ateratzea. Laguntzak, babesleak behar dira. Zorionez iaz aldaketa handia izan zen Nafarroan eta Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak egin dutena zoriontzekoa eta eskertzekoa da. Ez nigatik bakarrik, kulturarengatik, oro har, egiten ari direnagatik. Badakit ez dela erraza eta kolpean joan garela denak eske, baina gauza asko egiten ari dira. Elkartze hutsa arrakasta handia da. Gero erabakiko da gauzak egiten diren ala ez, edo nola eginen diren, baina aurrez aurre hitz egin ahal izatea, entzutea, niretzat gauza berria da. Aurreko gobernuarekin eta Iruñeko Udalarekin mila bider saiatu nintzen arren, inoiz ez zizkidaten ateak zabaldu. Mina ematen zidan, Gipuzkoan, Bizkaian, leku guztietan ate zabalik hartzen ninduten, eta aldiz Nafarroan, etxean, beti ezinean. Argazkia: Dani Blanco. Zer moduz sanferminetako kantu bazkaria? Aurtengo sanferminetan egin dugu lehen kantu bazkaria Baluarten. Ikusgarria izan zen. Nik neuk ere ez nuen espero hain emaitza ona. Jendea hunkitua, dantzan… Dena bete zen. Eszenatokia oso ongi prestatu zuten ETBren laguntzarekin. Hasiera-hasieratik izugarrizko besta giro eta bizitasuna zegoen. Eperra , Xalbadorren heriotzean eta ohiko kanta guztiak eman genituen, baina beste umore batekin. Nolakoak dira zuk antolatutako bazkariak? Bi modu daude kantu bazkariak egiteko: Hegoaldekoa eta Iparraldekoa. Hegoaldean lehenbizi jan, edan eta gero hasten da jendea abesten. Iparraldean, aldiz, jan bitartean abesten dute. Hori da nik aukeratu dudan moldea eta ikaragarria da. Dantxarinean urtero azaroaren azken larunbatean egiten den Kanta Zaharren Eguna gero eta arrakastatsuagoa da. Zergatik? Oso egun sentikorra delako. Jendeak abestu eta dantzatu egiten du, eta hunkitu egiten da. Behin batek esan zidan Xalbadorren heriotzean ez genukeela kantatu behar bera negarrez hasten zelako. Esan nion baietz, hori dela ederra eta sentimendu hori onartu egin behar dela. Ez du inporta besteen aurrean zirrara sentitzen baduzu eta ez da ezkutatu behar. Hori du ona kanta zaharrak. Duela lau urte ETBk grabatu zuen saioa eta geroztik are jende gehiago etortzen da Euskal Herri osotik, baita kanpotik ere. Asko eta asko gelditzen dira sarrerarik gabe. Zein izaten da lehen kanta? Lehenbiziko kanta beti da Euskal Herrian Euskaraz . Beti eta toki guztietan. Jendea berotzeko oso kanta ederra da. Doinua eta letra, biak oso politak dira. Gainera, iruditzen zait errespetu handia ematen diola jendeari. Kanten hurrenkera egokia antolatzea arrakastaren gakoetako bat al da? Bai, hala da. Abestien zerrenda egiteko pare bat hilabete behar dut, edo gehiago. Jende asko dago euskara eta euskal kultura ikaragarri maite dituena baina zoritxarrez euskaraz ez dakiena, eta haiek ere kontuan hartu behar ditugu beti. Kontzertu batean kantak izan behar dira hasieran apalak, goxoak baina politak, Eperra , Erribera , esate baterako, eta bukaera aldera gero eta bizitasun handiagoa behar duzu denak zutik jartzeko. Hori lortzeko abestiekin, musikariekin, abesbatzekin, haurrekin… jokatu behar duzu. Nafarroan hasi eta orain Euskal Herri osoan zabiltza, ezta? Herriz herri ibiltzen naiz, Markina, Ondarroa, Bera… Deitzen didaten toki guztietan. Toki batzuetan pentsatzen dute: "Dantxarinerako sarrerarik ezin bada eskuratu zergatik ez ekarri Angel hona?". Eta Angel, Angel da, eta toki guztietara joaten da gustura. Ondarroan lehen urtean 40 pertsona bildu ziren. Aurten, bigarrenean 150 baziren. Tokian tokikoek parte har dezaten saiatzen naiz beti: musikariak, dantzariak, haurrak… Haurrena oso kontu polita da. Hemen Iruñean, Sarriguren [herriko] eta Mendillorriko [Iruñeko auzoko] haurrak etorri ohi dira kantatzera. Guztiei eskaintzen zaie etortzeko aukera, nahi duenak altxa eskua eta etorri. Berdin dio ahots polita izan edo ez. Denak etortzen ahal dira. Nik oso esperientzia txarra izan nuen gaztetan, koro batean saiatu nintzen sartzen eta ez ninduten hartu. Gero Donostiako beste talde batean saiatu eta berdin. Horregatik hemen ez da inor kanpoan uzten. Argazkia: Dani Blanco. Saioetarako musikari profesional ugari mugiarazten duzu. Saiatzen gara tokian tokiko musikari eta taldeak gonbidatzen. Bizkaian Alex Sardui, Korrontzi edo Getxoko abesbatza, Donostian Easo abesbatza edo Urko; Iruñean Paz de Ziganda abesbatza, dantzariak… Beste batzuk beti etortzen dira nirekin: Jaione Olazabal eta Aitor Ibarra Jalisko sunbildarra, esate baterako. Zubietako joaldunak ere bai, gure kulturaren zati garrantzitsu direlako. Jendeak gozatu egiten du haiekin. Espiritu txar guztiak bazterrera bidaltzen dituzte eta harmonia ona lortu. Bestalde, Txema Garcés lagun handia dut. Kanta guztien moldatzailea da eta baxu-jotzaile aparta. Modu berean Juantxo Zeberio pianoarekin, Joxerra Mitxelena gitarrarekin, Francisco Herrero biolinarekin, Iñaki Dieguez eskusoinu-jotzaile bikaina, Asier Oleaga perkusioarekin… oso musikari onak denak.   Hemendik aurrera zeintzuk dira hitzordu nagusiak? Azaroaren 5ean Barañaingo Auditorioan izanen gara, gero 26an Dantxarinean Kanta Zaharren Eguna, abenduaren 3an Kursaalen eta abenduaren 17an Petritegin, Astigarragan. Abenduaren 3an Kursaalean afaria eginen dugu. Han izango dira Xabier Euskitze, Maria Molategi, Pantxoa Carrere, Bankako Menditarrak eta joaldunak. Leitzako dantzariak, gaiteroak, musika eskoziarra eta sorpresa asko egonen dira.   Amerikako diasporarekin ez duzu ezer egin? Oraindik ez. Deitu didate Argentinatik hasi eta Kanadaraino, Euskal Etxeetan eta hainbat tokitan kanta saioak antolatzeko, baina pentsatu beharra dut, badudalako proiektu pila hemen egiteko. Gustatuko litzaidake beste herrialdeetako musika eta dantza ekartzea, eskoziarrak edo irlandarrak, adibidez. Edo gospel talde bat gonbidatu hemengoekin abesteko. Kataluniara ere joan nahi nuke eta hango eta hemengo kulturak eta kantak elkartu.
news
argia-a79527c44343
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/irakurleak-galdezka.html
Irakurleak galdezka
unknown
2016-11-06
Irakurleak galdezka Kaixo Jakoba. 2015ean intxaurrak jarri nituen loreontzi batean, hondarrarekin, eta orain zuhaitz txikia dago, hosto eta guzti, polita. Noiz atera behar da loreontzitik lurrean jartzeko? Eta nola sartu behar da lurrean, hondar da guzti? Ramon Etxeberria Ihartza (Hernani) Kaixo Ramon. Intxaurrondoak ( Juglans regia ) hostajea galduko du neguan. Soiltzen den sasoi hori baliatu behar da toki berrian jartzeko. Egokiena abendua da. Zuloa prestatu eta izotzik egiteko arriskurik ez dagoen egunetan landatu. Izotza harrotutako lurrean sustraietaraino sartuko litzateke… Nahi baduzu hondar eta guzti jarri. Lurrean orain dagoen maila berean sartu, ez sakonago ez harroago. Landatzeko tokia ondo aukeratu. Intxaurrondoari lur harroa eta busti ahala azkar lehortzen dena gustatzen zaio. Lur buztintsu eta motelak ez ditu maite. Bestetik,  hazten denean inguruan izango dituen bizilagunak non dauden ere kontuan izan; tarte puska bat eman. Intxaurrondoa handi egiten da, handi-handia.
news
argia-02fc3d9b2099
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/frantziako-armadak-israeli-kopiatu-nahi-lioke-herritarren-mobilizazioa.html
Frantziako armadak Israeli kopiatu nahi lioke herritarren mobilizazioa
Pello Zubiria Kamino
2016-11-06
Frantziako armadak Israeli kopiatu nahi lioke herritarren mobilizazioa 2015etik Hexagonoan ugaritu diren atentatu islamisten beroan, Israelgo estatuaren segurtasun eredua kopiatzeaz ari dira politikariak, kazetariak eta baita juez izarrak ere. Askok ohartarazi duten arren Israel eta Palestina giza eskubideen Guantanamo kamuflatu bat direla gaur, Israelen zer kopiatua asko aurkitu dute frantses agintariek. Bat, erreserbista zibilen mobilizazioa sustatzea militarren lana errazteko. Frantzian eztabaidagai da gaur herritar zibilen eta armadaren parte hartzea borroka antiterroristan. Esan nahi baita, 2015az geroztik ugaritu diren atentatuek hauspoturik, militar edo polizia ez direnek nola esku hartu horiei dagozkien betekizunetan, eta bestetik nola integratu gero eta gehiago barne segurtasun aferetan armada. Le Monde Diplomatique ren webean daukan Defense en ligne (Defentsa lerroan) blogean Philippe Leymariek aipatu ditu Parisko legebiltzarraren enkarguz aurkeztu diren bi proposamen. Bata da Jean-Marie Bockel eta Gisele Jourda senatariek landutako "Garde Nationale": erreserba militar sendo eta territorializatua krisiei aurre egin ahal izateko. Bestea Olivier Audibert Troin eta Christophe Leonard diputatuek aurkeztua: Armada nazioaren eremu barruan erabiltzeaz. Troin eta Leonard diputatuek funtsean aztertu dituzte militarrak estatu barruan erabiltzeko Belgikak, Britainia Handiak eta Israelek dauzkaten ereduak. Aldaketa handietan sartuta gaude, titulu honek erakusten duenez: Paradigma aldaketa 2015ean: Armadaren esku hartze iraunkor eta masiboa eremu nazionalean, mehatxuaren iraupenak eta intentsitateak justifikaturik. Israelen hautaketak ez luke inor eskandalizatu behar, diputatuen ustez: afera soilik omen da "aztertzea demokrazia bat nola egokitu zaion epe luzeko mehatxu terrorista bati, alde batera utzirik batzuek borroka armatuari ekitearen kausa eta motiboez egin ditzakegun irakurketa politikoak". Arima bihozberak lasaiturik, hona Israel. Terroristak beren ehizakiak diren hirietatik ahalik eta urrunen gelditzea da Israelen lehentasuna. Horretarako, armadako militarrek zaintzen dituzte fronterak eta informazio zerbitzuek etxe barrua. Israelgo mugen inpermeabilizatze mailak ezagunak dira, sarbide nagusia den Ben Gourion aireportuaren kontrol neurri txit zorrotzak, Palestina autonomo mutilatutik babesteko harresi fisikoa, eta abar luzea. Israel barnean, hiru informazio zerbitzu nagusi: Aman armadaren atala;  atzerrian espioitza egiten duen Mossad (Frantzian gaur DGSE litzatekeena); eta barruko kontraespioitzarako Shin Beth (Frantzian lehen DST zena, gaur DGSI). Ofizialki Shabak deitzen den Shin Bethek berak bakarrik dauzka 7.000 agente. Proportzioan, Frantziak edukiko lituzke 55.600… gaur dauzkan 4.400en tokian. Atal nagusietan banatua –operazio bereziak, kontraintsurrekzioa, ziber-gerra, gehi eskualdekako adarrak–, bakoitzak autonomoki dihardu informazioa bildu, analizatu eta operazioak burutzen. Hiri bakoitzeko azpi-atala ere arras autonomoa da kontraespioitza lanetan. Shin Bethek familia bakoitza eta herritar bakoitza kontrolatzen du zona "bero" deituetan. Agente asko daude eremuotan luzaz infiltraturik, inmersio ereduan. Zerbitzuen koordinazioa pool edo batzorde moduan burutzen dute, baina azken hitza beti daukate Armadaren ordezkariek. Israelgo armada berez mugen zaintzan dago berezitua, kanpoko etsaiei begira. Baina, ordainetan, barruko polizia oso dago militarizatua eta gainera arma asko daude herritarren artean banatuak, beti militarren kontrolpean. Eredu antiterroristaren beste bi zangoak dira, batetik Magav izeneko poliziak 18.000 agenterekin, gehi 1.500 erreserbista, eta armada, Tsahal ospetsua, zeinaren eginkizun nagusia diren mugen zaintza eta Israelek okupatutako Golan eta Zisjordaniaren kontrola. Zisjordaniaren sailkapen militarrean, C zonaldea Israelgo armadaren kontrolpean dago osorik, A eremua da Palestinako Aginte Nazionalari dagokiona –bere menpeko baldintza guztiekin– eta B eremua elkarlanean kontrolatzen dute ofizialki. Gazte prekarioen bila Hautetsi frantsesei biziki interesatu zaie militar israeldarrek erreserbistentzako garatuta daukaten egituraketa sendoa.Edozein segurtasun krisiren aurrean  Tsahalek prest dauzka erreserbistaz osatutako hogei dibisio, ehunka mila gizon eta emakume. Izpiritu militarrak lurrindu du Israelgo gizarte osoa. Eskoletatik hezten dituzte israeldarrak segurtasun ereduan, umetan hasita. Eta arma asko daude herritarren eskuetan. Horrela konpentsatzen dute, ulertu dute frantsesek, kaleetan uniformezko poliziek daukaten ikusgarritasun ahula. Populazioaren %3k dauka arma baimena, Frantziako biztanlegoari egokituz bi milioi liratekeenak. Datu ofizialen arabera, gaur egun arrisku terroristen %25 haiek geldiarazten omen dituztenez, estatuaren asmoa da aurrerantzean arma horiek geolokalizatu eta koordinatzea edozein alertatan. Troin eta Leonard diputatuen lanaren paraleloan, Parisko Senatuan Jean-Pierre Raffarin lehen ministro ohia buru duen Defentsa batzordeak landu du erreserba zibila hobetzeaz txosten zabala, Jean-Marie Bockel eta Gisele Jourda senatariek koordinaturik. Datozen urteotan zibilen artean militarrek lana nola egingo duten pistak ematen ditu. Frantziak baditu armadaren bi erreserba, Gobernuak arrisku graduaren arabera mobilizatu ditzakeenak. Gainera badira Estatuaren funtzionarioz osatutako erreserba zibilak, senatarien ustez, gaurko beharren aurrean ondo koordinatu gabe daudenak. Armadaren estatu gorenak, diote, estuagotik koordinatu behar ditu erreserbista zibilak, militarren izpirituz blaitu, Frantziaren defentsa gai nagusien jakitun egin. Eredua izan omen daiteke ziber-defentsan –Internet eta eremu digitalaren zaintzan– ari diren erreserbistekin militarrak burutzen ari diren lanketa. Operazio militarretarako deitua izan daitekeen erreserba zibilak bere errekrutatze iturriak dibertsifikatu behar ditu, bereziki gazteen artean. Senatariek oroitarazten dute Defentsako kodeak baimentzen duela 17 urtetik gorako edozein gazte engaiatzea: "Gazteei deitzeak ahalbideratu behar du armada-nazioa lotura sendotzea, ondoren, kohesio nazionalaren sendotzeko oinarrietako bat delarik. 15-20 urteko adin tartea da helburuotako tresnarik baliotsuenetakoa eta horietan zentratu behar da lehentasunez. Bestetik, lurralde nazionalaren defentsari dagozkion behar operazionalak daude, eta gaur armadek 'beso' horiek behar dituzte beren funtzio estrategikoa betetzeko". Lan bila dabiltzanak omen dira erreserbisten beste sehaska bat. Armadarekin elkarlanean asko ikasi dezakete, esperientzia irabazi. "Pôle Emploi [enplegu bulego] eta militarren arteko elkarlanak fruituak emango ditu erreserbetan". Aldikako lanak egiten dituzten prekarioak militarrei hurbiltzeko, Defentsak eta Adecco ETTak elkarlana abiatu dute.
news
argia-bda2ed189225
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/asisko-urmeneta.html
"Baratzean marraztu dut ia komiki osoa"
Garazi Zabaleta
2016-11-06
"Baratzean marraztu dut ia komiki osoa" Baratzeaz hitz egiten baino, kaka-solasean aritu zara Altza Porru ko zure tartean, Asisko… Beno, hiritarra naiz ni, oso oso iruindarra, eta familian hurbileko inor ez dut sekula baserrian izan. Orain, nire bizitza egin dudanean, lurrarekin lotura badut, baina benetan oso berria da harreman hori. Eta harrigarria egiten zait ikustea nola lurrak dena irensteko ahalmena duen. Lana ematen diogu lurrari etengabe, ustiatu egiten dugu… eta zer itzuli diezaiokegu guk berari? Bada, gure kaka! Ama-lurrari ematen digun guztia estimatzeko nik ahal dudana itzultzen diot. Goizean goizeko komuneko bisita aukera paregabea da imajinazioa eta sormena pizteko, ezta? Egiazki. Hasieran, etxe atarian txabiske hori, kakategia, eraiki nuenean, liburu pare bat utzi nituen bertan. Baina gero ohartu nintzen egunerokoan, paisaia aurrean izanda, denbora gaizki inbertitzea zela irakurtzea. Nire eguneroko luxu ttipia da, nire buruarekin egoteko tokia, natura nola aurkezten den ikusteko egokia: eguzkia altxatzen, kurriloak pasoan, xomorro bat pasatzen… Une horiek niretzat izugarrizko terapia dira. Eta askotan burua erdi nirvana n uzten den momentu horietan etortzen dira ideiak, sormena eta egunari hasiera aldarte onez emateko umorea. Baratzerik izan duzu noizbait? Gauza askotarako balio du baratze batek. Lehen, Iruñean bizi nintzenean, ez nuen baratzerik, baina orain hemen bai. Ni lanbidez etxaperro bat naiz: etxeko txakurra. Etxaperro esaten zaio Otxagabian eta Iruñerrian etxean lan egiten duenari, eta nik normalki etxean marraztu izan dut. Orain berriz, baratzera ateratzen naiz askotan marraztera. Altza Porru ko komiki ia guztia baratzean marraztu dut, eguraldi ona aprobetxatuz. Baratzeak erabilpen anitza dauka, beraz. Erotikotik ere izan dezake zerbait… Noski, bistan da! Euskaldunok kaka-solasa eta sexu-solasa oso gutxitan erabili izan ditugu modu zuzenean. Kantu eta testu zaharretan, ordea, metaforen bidez agertu izan dira: Tolosako kopla zahar horietan, adibidez, "utzi bakean porrua eta ez jan sagar errea" ziotenean, ez dut uste dietetikaz ari zirenik (kar, kar)… Nik uste baratzea naturala eta sanoa den aldetik, larrua jotzeko ere leku paregabea dela! Landareek, gainera, ez dute lotsarik, beren erotismoa manera lotsagabean erakusten dute, eta ikaragarri interesatzen zait hori. Liburuko aurkezpenean zure burua pepino aurpegiarekin marrazteak zer esan nahi du? Hemen, subliminalki begiratuz gero, segur aski zerbait falikoa aterako litzateke. Bestalde, Marko Armspach marrazkilari eta laguna urteetan egon da nire karikatura egin nahian, eta asko kostatu ondoren lortu zuen: pepinillo luze-luze bat marraztu zidan, eta oso ongi lortu zuen ni irudikatzea. Geroztik, nik uste Markok egindako pepino hartan ikusten dudala nire burua.
news
argia-82380e7278bb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/belarrak-beti-egiten-du-aurrera.html
Belarrak beti egiten du aurrera
Iker Barandiaran
2016-11-06
Belarrak beti egiten du aurrera Haztearen izerdia BELARMIÑAK Bonberenea Ekintzak, 2016 Barrena behar da, handia, gaur egungo albistegiak ikusteko zein egunkariak irakurtzeko; eta oro har egunero kalera irten eta herritar askok bizi dugunaren aurrean bidea jarraitzeko. Urdaila ere arriskuan jarriko dugu ziur eguneroko erritmo zoro honen gurpilean etenik gabe jarraitzen badugu. Zapaldu beharko dugu frenoa halako batean! Bada, zakur zahar hauek erabaki dute egunerokoari bizkarra eman gabe, belarmiñaren laguntzarekin barrenak zaindu eta bizitzari beste erritmo bat jartzea, pausatuagoa, arinagoa eta soilagoa. Hitzetan, baina, soil-soil kritika latza egiten diote lotuta gaituzten ohitura eta mekanismoei. Hazteak dakartzan ajeei abesten diete publikora zabaldu duten lehen lan luzean (aurretik Lehenengo pausoak izenpean hainbat kantu eman zituzten argitara ia oharkabean), Bonberenea Ekintzak-ek kaleratutako 10 hatz beteko disko dotorean, CDa opari duena. Proiektua sortu zenetik taldea sendotzen eta egonkortzen doa, eta hala egin dute beraien kantuek ere, ñabardurak gehitzen eta hazten dihardute-eta. Tortura Sistematika, Lobo Electrico, Bukaera, Perlas, Iratzar eta bestelako taldeetan ibiliak dira gaur egun taldea osatzen duten lau lagunak. Eta aurrekariekin alderatuta dezente goxotu badira ere, belarmiñak bezala, beraien ahalmenak jantzi koloretsuen barruan gordeta dituzte. Izan ere, taldea Lehenengo pausoak bildumatxoan nagusi zen folka uxatzen joan da. Eta horren lekua hartu dute gogoz power-popak eta pop gitarreroak. Horretan zeresan handia du Iki gitarra jotzaileak, besteak beste, gustuz ateratzen dizkio-eta gitarrari soinuak. Arteriak luzatu nahi dizkigute aipatutako lan hartatik berreskuratu dute. Guk geuk aitzurtu dugun hilobiari, hipotekari, abesten diote eta Ikik lan handia egin du gitarrarekin. 80ko hamarkadatik edaten du, pop-etik, rocketik eta baita post-punketik ere, eta tarteka poperoagoa bada ere, gitarrek indar handia hartzen dute. Hain da estua positiboagoa da musikaz, ez horrenbeste hitzetan. Jostariagoa da, baina badu lo-kantatik, errezitatutik eta tempoan Igor Arzuaga Mara-ren antzik ere. Jai daukazu talde-aitorpena da, errendituko ez denaren ikurra. Zamalka dator zaldia, distortsio eta guzti, eta ez du brit-pop talde borobilenen inbidiarik, koro eta guzti, nahiz eta bukaeran kontrola galduta (edo utzita) basakerian hiltzen den. Eta, bukatzeko, Izena eta izana pieza: kantu borobil, energiadun eta baikorrena, koro eta guzti. Pop distiratsu eta bizia, noise-popa ere gustuko duena eta hurbiletik The Clash ere arnasten duena.
news
argia-45a19d414089
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/susana-talayero.html
"Artista ez da ateraldiak otutzen zaizkion pertsona bat"
Danele Sarriugarte Mochales
2016-11-06
"Artista ez da ateraldiak otutzen zaizkion pertsona bat" Hainbat alor jorratu baditu ere, margolaritzat du bere burua Susana Talayerok (Bilbo, 1961). Bilboko Arte Ederren Museoak atzera begirakoa eskaini zion ekainean: orain arte halakorik egin duen lehen emakumea da, eta artistarik gazteena. Erakusketa amaitu aurreko egunetan hitz egin genuen berarekin. Nola sortu zen erakusketa egiteko ideia? Atzera begirako erakusketa egiteko eskatu zidaten. Hasiera batean, gehiegizkoa iruditu zitzaidan, ez baitauzkat 97 urte, lanean ari naiz oraindik! Hala ere, atzera begirakoa bestela egiteko aukera ematen zidan, ez zedila izan hilkutxa moduko bat, baizik eta lanaren berrikusketa. Denbora asko izan dut erakusketa prestatzeko, urte eta erdi inguru. Ondo etorri zait, ez baita aise erabakitzen halako erakusketa batean zer sartu eta zer utzi kanpoan. Gainera, espazioa ondo dago, baina murritza da, batez ere nire obrarentzat, formatu handikoa baita. Aise osa nezakeen erakusketa formatu handiko 10-12 lanekin. Hala ere, ez nuen hautatze-prozesu fin-fin bat egin nahi, aitzitik, espazioak gainezka egitea nahi nuen. Nire lana erakutsi dut, jakina, baina esperimentatzeko baliatu dut museoa. "Kronologia bati helduko bainion, hasieratik hasi nintzen. Nik nahi nuen, erakusketara hurbildu ahala, jendeak prozesuak ikus zitzala, eta ez emaitzak" Argi zeneukan hori, hasieratik. Argi neukan, Valcárcel Medina artistak esan bezala, neure buruari galdetu behar niola ea museoak, normalean, zer ez duen egiten, eta ea nik neuk zer ez dudan aurrez probatu, eta horixe egin. Niretzat erronka bat da erakusketa hau, erakusteko espazioarekin esperimentatu nahi nuen, inongo lotsarik gabe. Jakina, erakusketa-espazioa museo bat da, eta, hortaz, pisuzko konnotazioak ditu hainbat arlotan, baina, nire iritziz, artista bazara eta espazio horretan sartzen bazara, eskubidea daukazu, eta baita betebeharra ere, zer edo zer ausartagoa egiteko. Ez soilik zure lanak erakutsi, baizik eta jauzi egin.   Nola joan da muntaketa-lana? Kronologia bati helduko bainion, hasieratik hasi nintzen. Nik nahi nuen, erakusketara hurbildu ahala, jendeak prozesuak ikus zitzala, eta ez emaitzak. Alegia, dinamika bat sortu nahi nuen, eta ikusarazi artista ez dela ateraldiak okurritzen zaizkion norbait; aitzitik, askoz lan konplexuagoa eta etengabea dela. Batzuetan burutazioen kontu hori azaltzen dute komunikabideetan: topiko bat da, eta sekulako kaltea egiten dio arteari. Hiru gune sortu nituen, elkarri oso lotuak: lehenengoa Erroma da. 1986-96 bitarteko lanek osatzen dute, garai hartan bizi izan bainintzen Erroman. Ondoren, 2000ko hamarkada dator, Lorategia , eta gero Buruhandiak eta La Murata bideoa, lanik berrienak.   "Erroma ez dago hain urruti ere. Lagunen bidez eutsi diot harremanari, eta, gero, apurka-apurka, lan-harremana ere egin dut. Lasai nago, Erroma eta biona ez da sekula amaituko" Noiz eta zergatik joan zinen Erromara? Bilbo hiri gogorra eta grisa iruditzen zitzaidan, eta, hainbat arrazoi tarteko, ihes egin nuen bertatik, inongo bekarik gabe. Arte Ederretako fakultatekoa amaitu eta ziztuan egin nuen ospa. Hamar urte egin nituen Erroman. Hasieran esperimentu bat zen: hilabete batzuk igaro eta ea zer gertatzen zen ikusi, ez baineukan halako hiri batean bizitzeko baliabide ekonomikorik. Azkenerako, hiriak harrapatzen zaitu, eta han osatzen duzu zure bizitza. Erromako instituzio espainiarretatik urrun ibili naiz beti, ez bekarik ez akademiarik ez ezer, eta ez dut harroxko esaten. Hango giroan egin nuen bizimodua, giro oso lokalean. Edonola ere, mundu lokal hori atzerritarrez lepo dago, bertan bizi edo pasadan baitaude beti. Halakoxea da hiriaren historia bera, hainbat geruza eta estrata ditu, eta oso interesgarria da hori. Zer ekarri zizun? Bada, funtsean, burua ireki zidan, aizkorakada. Bestelako jendearekin elkartzea, bestelako gauzak ikustea, gauzak ikuspegi askotatik ikustea... Zabaldu egiten zara. Gero, bizitzan, asko dira uzkurtzeko uneak. Iruditzen zait bizi-kontua dela alde egitea, gero itzultzen bazara ere. Nire kasuan Erroma izan zen, eta beste batentzat, ordea, beste hiri bat izango da.   "Loreak organoen parekoak dira, ez dira elementu begetal bat, bitxilore bat, adibidez. Nire ikuspegitik, loreek gorputza dakarte gogora, presentzia gogorra eta trinkoa dute eta zuloz eginda daude" Zer-nolako harremana daukazu orain hiriarekin? Gogorra egin zitzaidan Bilbora itzultzea, eremu arrotza zen niretzat. Hasieran, nostalgiaz bizi nintzen, eta hori are okerragoa da, zeren, hasteko eta behin, ez baitzara orainean bizi, bukle batean sartzen zara, etengabe galerarekin lotuta, eta horren ondorioz, biktimismoan erortzen zara, biktimismoaren zingiran, nire adiskide batek esaten duen moduan. Galerak eta biktimismoak barrenak jaten dizkizute, eta bizitzea eragozten. Beraz, bestelako zerbait egin behar nuela iruditu zitzaidan: hasteko, hiriarekin harremanetan jarraitu behar nuen: zergatik eten lotura? Gainera, Erroma ez dago hain urruti ere. Lagunen bidez eutsi diot harremanari, eta, gero, apurka-apurka, lan-harremana ere egin dut. Lasai nago, Erroma eta biona ez da sekula amaituko.   Erreparatu diezaiogun erakusketaren bigarren parteari. Arreta pizten du Lorategi horrek. Lorategi instalazioa hainbat marrazkik eta margok osatzen dute. Pieza bakoitza autonomoa da, baina museoan bestelako zerbait egitea erabaki dut, aurrez sekula egin gabea: pieza bakar bat osatu, pieza askorekin. Pilaketa-instalazio bat da, pieza-komunitate bat: elkar hartu eta pieza bakarra osatzen dute. Aretoaren pareta bat hartzen du, ia osorik, eta baita zoruaren puska bat ere. Lorategi deitu diot, izan ere, 2000ko hamarkadan egiten nituen piezak bildu ditut: loreak, zurtoinak, organoak... Niretzat, loreak organoen parekoak dira, ez dira elementu begetal bat, bitxilore bat, adibidez. Nire ikuspegitik, loreek gorputza dakarte gogora, presentzia gogorra eta trinkoa dute eta zuloz eginda daude. Pieza guztiak ikusten dituzu, eta, aldi berean, bat bera ere ez. Sormen-lan orotan, eta bizitzan ere, erabakiak hartu behar dira, eta pena handia ematen dizun arren, beti uzten duzu zerbait kanpoan. Bistan denez, halako pilaketa batean, ez dituzu piezak ikusten. Baina ez nituen pieza pila bat ipini nahi ahalik eta lan gehien erakusteko, aitzitik, hainbat planoren bidez, batasuna sortu nahi nuen. Gainera, lorategiaren metaforarekin jarraituz gero –ez baita lorategi versallestar, ordenatu eta arrazional bat–, lorategi batean zaudenean bide bat hartzen dizu lehenik, hura ikusi, gero beste gauza bat agertzen zaizu... Miatzeko toki bat da, lan artistikoa bezalaxe, eta zerbait topatzen duzunean, atzean utzia duzu beste zerbait. Begiradarekin lotuta dago: zeuk eraikitzen dituzu zeure kontakizun txikiak. Pieza hau zehatz-mehatz antolatu dut, hala ere; hala maila formalean nola kronologikoan. Ez da ausazko lorategi bat, inondik ere. Beste tokiren batean, akaso aldatuko da, baina hemen halakoa da, eta kito. Erakusketa zeuretu duzula iruditzen zaizu? Bai, hein handi batean. Nahiago nuke katalogoa ere aretoan egon balitz. Lan asko egin dugu bestelako katalogo bat egite aldera. Liburu bat izan zedin nahi nuen, lanaren inguruko giroa ere bil zezan. Orokorrean, halako katalogoetan obren zerrenda agertzen da, eta, gero, amaieran, kronologia bat eta artistaren argazki bat. Ez nuen hori nahi. Zaharkituta dago. Bestelako irudi batzuk ipini nahi nituen, piezak ibilbide baten barruan kokatu, irudi-gidoi baten bidez, lanaren parte baitira. Iruditzen zitzaidan aberatsagoa behar zuela izan, konplexuagoa. Hasieratik pentsatu nuen oso lotuta egon behar zuela erakusketarekin, eta horretan tematu ginen. Gogor lan egin ezean, ez duzu lortzen. Zer-nolakoak dira zure lanegunak? Lan artistikoa metodikoa da. Bazter utzi behar ditugu inspirazioaren kontua eta halako topikoak. Nik, batez ere, estudioan egiten dut lan. Artista denak ez dira hala aritzen, jakina, baina ni, zentzu horretan, tradizionala naiz. Ezer ez neukan garaietan ere, estudio bat neukan, dohainik. Niretzat garrantzitsuagoa zen estudioa etxea bera baino. Nire ikuspegitik, estudioa da gela bat norberarena. Beste norbaitekin ere konpartitu dezakezu, noski, baina pentsatzeko eta artea egiteko toki bat da. Ez da bolizko dorre bat; estudioan gertatzen dena ez da han geratzen, atera egiten da, eta estudioan gertatzen dena, azken batean, kanpoan gertatzen direnekin dago lotuta. Niretzat, estudioko paretak mintzen modukoak dira, ez da leku itxi eta isolatu bat, toki mitiko hori non artista giltzapetzen baita eta artelanak sortzen baititu. Guztiz kontrara, niretzat estudioa toki ireki, irazkor eta porotsua da. Barruaren eta kanpoaren artean dago, baina, aldi berean, leku intimoa eta pertsonala da. Eta... hemendik aurrera zer? Erakusketari esker ikusi dut badaudela loturak nire obraren barruan, eta baita aldeak ere. Ez dut esaten aurrera edo atzera egin dudanik, baizik eta, soilik, badaudela loturak eta etenak. Era berean, ohartu nahiz, zenbait kasutan, gauza berari bueltaka ari garela etengabe, nahiz eta gauza hori zer den zehatz-mehatz jakin ez... Batzuetan, horixe da lan artistikoa, helmuga jakinik gabe lan egitea: ikertzeko beste modu bat. Eta jabetu naiz, berriro ere, izugarri gustatzen zaidala nire lana. Adinari buruzko mito hori dago, X adinera iritsita jada amaitu dela dena. Baina sormen-lanean, zuk zeuk erabakitzen duzu noraino segi, eta nola. Are gehiago, zenbait gauzatan behintzat, indartsuagoa naiz orain 20 urte nituenean baino.
news
argia-cc28a67541d2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/hezkuntza-komunitatearen-mobilizazioak-gure-aurreikuspen-guztiak-gainditu-ditu.html
"Hezkuntza komunitatearen mobilizazioak gure aurreikuspen guztiak gainditu ditu"
Mikel Garcia Idiakez
2016-10-26
"Hezkuntza komunitatearen mobilizazioak gure aurreikuspen guztiak gainditu ditu" Milaka lagun Hego Euskal Herriko hiriburuetan egin diren manifestazioetan, eta lanuzte eta protestak ikastetxe askotan. LOMCE eta Heziberriren aurka eta hezkuntza sistema propioaren alde egindako mobilizazioen balorazio "oso positiboa" egin dute deitzaileek: "Hasierako asmo eta aurreikuspenak guztiz gainditu ditugula aitortu behar dugu". Eusko Jaurlaritzak berriz, EAEn lanuztea egin duten irakasleak %8 izan direla adierazi du. Steilas, ELA, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek eta EHIGE guraso elkarteak deitu dute mobilizatzera, eta deialdiarekin ez dute bat egin Ikasle Abertzaleek, LABek, Ikastolen Elkarteak, Kristau Eskolak eta Sortzen-ek, horietako gehienen arabera egun berean Espainiako Estatuan deitu duten grebak ez dielako Euskal Herriko beharrei erantzuten. Eragile hauek elkartu ez izana pena izan dela esan digu Aitor Idigoras Steilaseko kideak, "baina aldi berean, hezkuntza komunitatearen inplikazio handia ikusi dugu, bereziki guraso eta irakasleen aldetik, eta alderdi politiko gehienengandik ere babes izugarria jaso dugu". "Ziklo baten hasiera da hau" Kuantitatiboki bakarrik ez, kualitatiboki ere "interpelazio oso potentea egin diogu Hego Euskal Herriko administrazioari eta berretsi dugu guraso eta irakasle asko eta askok bide honetan gurekin batera jarraitzeko asmoa dutela -dio Idigorasek-. Ziklo baten hasiera da hau eta bertako administrazioari eta gure agendari begira gaude, ez Madrili begira; EAEko Hezkuntza Legea aurkeztear dira eta oso gertutik segituko dugu". Mobilizazio hauekin, Nafarroan zuzenean eta EAEn Eusko Jaurlaritzaren Heziberri planaren bidez LOMCE legea aplikatzen ari direla salatu nahi izan dute deitzaileek. Horrez gain, besteak beste kritikatu dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hezkuntzan "murrizketa dinamika jasanezina" daramatela, administrazio guztiek "errebalidez osatutako kanpo-ebaluazio sistema obsesibo eta perbertsoa" ezarri nahi dutela edota "euskarari lehentasuna eman ordez ingelesari ematen zaiola". Curriculum eta hezkuntza eredu propioa ere aldarrikatu dute. Gaiaz gehiago: Hezkuntza eragileak zatituta, urriaren 26ko mobilizazioen aurrean .       Donostian (Argazkia: Unai Oñederra).
news
argia-35f209756c27
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/behatoki-ezin-hobea.html
Behatoki ezin hobea
Aritz Galarraga
2016-11-06
Behatoki ezin hobea Gabeziaren khantoreak Tere Irastortza Pamiela, 1995 1984koa den Itxaro Bordaren Emakumeak idazle hartan Teresita zena, Tere da Irastortza jada hemen, Gabeziaren khantoreak en. Esan nahi dut: eskukada bat poesia liburu argitaratuta, 34 urte, aurreko lan ia guztia biltzeko moduan dagoen poeta heldua dugu dagoeneko. Bost poemategi sartzen ditu bakarrean. Ez dira idatzitako poema guztiak. Aldaketa funtsezkorik ere ez dute jasan. Baina: "Ezin eutsi izan diot bilduma honetan zenbait oroitzapen josteko irrikiari". J. V. Foix poeta katalanaren zita batek irekitzen du bilduma, hamar puxtarri. Eta jarraian lotzen zaio zenbait oroitzapen josteko irriki horri: "Aitor dezadan, lehen hiru liburuotan oso-oso gaztearena topatzen dudala letra", edota "onartuko al dute kritikariek, halakorik baldin bada gure artean, nire idatz garaiko adiskideentzat dastagarri izan daitekeena". Hori hitzaurre orokorrean, poema liburuak banan-banan komentatzen hasi aurretik. 1980ko Gabeziak estreinakoaz, zera dio gero: "Zertaz harro bizitzerik izango nuke orduko hitz guztiak idazteko adorerik banu". 1983ko Gaia eta Gau aldaketak bigarrenari, besteak beste, hauxe gehitzen dio: "Joera nagusia zen euskal literaturan hizkuntza berarentzako atxikimendua, baina eguneroko bizimoduari heltzeko gutizia falta zitzaion. Mikel Arregi, Koldo Izagirre, Arantxa Urretabizkaiak ere arreta berezia zuten horrekiko, baina inork gutxik". Eskertzen da, 1983ko Hostoak hirugarrenaz ari dela, zintzotasuna: " Gaia eta Gau aldaketak zein Hostoak -en aurreneko liburuko adierazpidetik urruntzen saiatu nintzen. Inondik inora, bilduma honetako testuen artean hauexek dira irakurlea, poema amaitu aurretik, gehien geldiarazten dutenak". Halako batean, 1986ko Derrotaren fabulak laugarrenarekin, laburrerako joera hasten da azaltzen, poetak ahozko literatura tradizionalari lotzen diona: alegietako moralejak bezain labur nahi zituen, "baina moralismoaren kutsu hori ezabatu eta errealitatearen datatzea eskainiz". Bosgarrena den 1986ko Osinberdeko khantoreak bildumako poesietan, bestalde, "lehenengo aldiz txertatzen da ironia puntua. Ironia edo umore mindua". Eta, azkenerako, poemak eurak baino interesgarriago ia, poemen gainean, iragandako denboraren perspektibarekin, egiten den irakurketa ote den. Ez gaizki ulertu, mesedez, poemak ere irakurgarriak dira, baina norbere lanarekiko begirada kritiko hori egin zait kasu honetan deigarrien. "Inork tentazioa izan dezake zaldibiarraren ibilbide poetiko sendo eta oparoaz ahazteko, baina gogoan hartu behar da 1980ko Gabeziak hartatik euskal poesiako erreferenteetako bat dela". Beñat Sarasolak dio, eta 2011tik. Liburu hau litzateke ibilbide poetiko horren lehen atzera begirako, geraleku, behatoki ezin hobea.
news
argia-682f9b8f656b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/botilarena.html
Botilarena
Zigor Etxeburua Urbizu
2016-11-06
Botilarena EAEko VI. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak direla eta, nola dago euskararen botila? Botila dariola. Euskalduntzearen erritmoa motelegia da. Ez da aski urtero, batez beste, puntu erdi eskas haztea euskaldunen multzoa. Kalkulu azkar bat eginez, ohartuko gara ehun eta hirurogeita hamalau urte beharko direla euskalduntze betea lortzeko, azken urteotako hazkundeari eutsiz gero (beste aldagairik kontuan izan gabe, jakina). Erritmo hori biziagoa izan zitekeen euskalduntzen ez duten hezkuntza ereduak baztertuz gero, baina hori da botilak ipurdian duen zuloetako bat. A eredua kondena bat da. Erabileraren datuak ez dira etxaferoak jaurtitzeko modukoak ere. Horrelakoetan galdekatuak politikoki zuzena izateko joera duenez, benetan egiten duen erabilera baino hobea aitortzen du. Horregatik, ez dirudi datu ona denik erabilerak soilik puntu erdia egitea gora, bost urteotan. Horrez gain, inkestak erakutsi du euskararen erabilera atzeraka egiten ari dela, eremu euskaldunenetan, bat etorriz UEMAk egindako azterketekin. Harrigarria dena da Jaurlaritzak erlatibizatu nahi izatea apaltze hori. Beste askok, aitzitik, moteltzearen kontzientzia hartu du eta tresnak sortu eta neurriak ezarri ditu, galera gelditzeko eta erabilera bizkortzeko. Botila erdi betea ikustea zilegi da, baina eskertzekoa litzateke zuloak estaltzeko jarrera tinkoago bat, euskararen botilan zulo handiena eragiten duen Jaurlaritzaren partetik ere. Botila erdi betea. Ez da euskaldunik galdu eta berriak irabazi dira, katea ez da eten. Euskalduntzea gazteen prozesua izan da, nagusiki, euskarazko hezkuntzari eta euskaltegiei esker.  Hurrengo urteotako biztanleria aktiboa euskalduna izango da, berehala. Errealitate horri erantzun behar zaio, dagoeneko, euskalduntzeko pareko erritmoak eta politika eragingarriak ezarriz, administrazioaren, hezkuntzaren, arlo sozioekonomikoaren, eta kulturaren eta aisiaren esparruetan. Euskaldun hartzaileen multzoa ere esanguratsua da eta aukera gisa ikusi behar da. Oraindik euskaldun "oso" ez dela kontsideratzen duenak sentitu behar ditu, gizartearen partetik, euskalduntzen jarraitzeko beharra eta laguntza (mintzakideak, doakotasuna…). Gainera, euskara sustatzearen aldeko herritarren joera nabarmena da, Idoia Mendiaren eta enparauen zorigaitzerako. Gauzak horrela, euskararen erabilera proaktiboa egiteko edota hizkuntza politika egokiak ezartzeko arrazoiak behar zituenak hortxe ditu, aukeran. Euskararen botilaren zuloak estaltzeko eta euskararen iturria gehiago zabaltzeko ahalmena izatea eta botere hori praktikatzea da kontua. Bada garaia.
news