id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-967643bd2b98 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/usurbilgo-alkartasuna-kooperatiba.html | Mende bat lurra lantzen dutenen zerbitzura | Garazi Zabaleta | 2017-09-24 | Mende bat lurra lantzen dutenen zerbitzura
"Usurbilgo Alkartasuna Baserritarren Kooperatiba Elkartearen helburua Usurbilgo eta inguruko baserritar txikia laguntzea da, behar ditzakeen zerbitzu eta eskaintzak sortu eta indartuz". Elkartearen webguneko aurkezpena da hori, Asier Kortadi elkarteko kudeatzaileak horrela eguneratu duena: "Azken urteetan elkarteko bazkideen profila dezente aldatu da, baserritik bizi den jende kopuruak behera egin baitu, eta orain baserritarrak ez ezik baratzea edo lorategia duen herritar asko dira bazkide".
Mende bete baino gehiago martxan
1908an sortu zuten Usurbilgo Alkartasuna Kooperatiba elkartea, baserritarrek eskuratzeko zailtasunak zituzten lehengaiak lortzeko asmoz. "Duela 25 urte inguru aldaketak egon ziren kooperatiban: baserritarrentzako eskaintza handitu (elikadura, burdindegia, arropak, sagardogintza materiala...) eta biltegiaz gain dendari indarra eman genion", azaldu du Kortadik. Zabaltze horri jarraipena emanez, egoitza Atalluko industrialdera mugitzearekin batera 24 ordutan irekia dagoen gasolio-hornigailua jarri zuten martxan.
Baina Alkartasunaren lana ez da lehengaien eskaintzara mugatzen. Urte osoan lurrari lotutako hainbat ikastaro antolatzen ditu: erlezaintza, garagardogintza, mahastizaintza, kiwi ekoizpena, nekazaritza biodinamikoa, sendabelarrak…
"Sagarrondotik sagardora" ikastaroa
Ikastaroen artean ohiko bihurtu da Sagarrondotik sagardora: "Ikastaro horrek baditu 10 urte. Urtero taldetxoa sortu ohi da sagarrondoak noiz eta nola ongarritu eta tratamenduen, gaixotasunen, kimaketen eta txertaketen gainean ikasteko, guztiari ikuspegi biodinamikoa gehituz", dio Kortadik. Sagarren heldutasuna igartzen eta sagardoa nola egin ere ikasten dute parte-hartzaileek, gai bakoitza jorratzeko "punta-puntako adituen laguntzarekin'". Aurtengo otsailean hasitako saioei irailaren 9an eman diote amaiera: sagardogintzaren inguruko zortzi saio egin dituzte guztira. Pozik agertu dira antolatzaileak berriz ere jaso duten erantzunarekin: "Harrera oso ona izan du ikastaroak". Jarraituko du sagardoak Usurbilgo protagonista izaten… | news |
argia-a99fd7ebd321 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/altxor-txiki-bat.html | Altxor txiki bat | Xabier Etxaniz Erle | 2017-09-24 | Altxor txiki bat
2005ean kaleratu zen lehen aldiz, Erein etxean, Patxi Zubizarretak eta konpainiak egindako liburu hau. Hainbat urtez agortuta egon ondoren Elkar argitaletxearen eskutik plazaratu berri da eta irakurleen esku jarri obra guztiz interesgarri eta gomendagarri hau.
Liburura hurbiltzen denak berehala ikusiko du obra bitxia dela. Bildumetatik at, azal gogorrez, 2 CD barruan, eta Jokin Mitxelenaren irudi ugariz hornitua. Baina berehala antzeman daitezke ezaugarri edo paratestu horiez gain testuan pieza solteak agertzen direla tartekatuta. Eta horixe da, hain zuzen, liburu honen egitura. Istorio baten barruan hainbat herri kanta, ipuin, ateraldi… osotasun bat lortuz.
Kattalin, Nikolas eta Madalen Graziosenera joan dira gurasoekin Eguberriak pasatzera, han aitonarekin elkartzen dira eta honek inguruak erakusten dizkie, eta asto gainean dagoela aprobetxatuz Aita-semeak asto gainean ipuina kontatuko die; geroago amona agertzean bilobak besarkatu eta bakoitzari kanta bat abestuko dio: Kattalin txiki-txiki, San Nikolas txikia eta Andre Madalen . Bilobak jolasten ibiliko dira, eta bizi duten egoera edo unearen arabera ipuin bat, kanta bat, istorio edo ateraldi bat kontatuko diete. Beraiei bakarrik ez; liburuarekin batera dauden CDetan horietako asko eta asko grabatuta baitaude eta aukera dago horiek entzuteko euskal artista ezagunen eskutik (Mari Karmen Odriozola, Martin Tejeria, Joxe Arratibel, Jose Ignazio Ansorena…); horietako batzuek, gainera, abestu egiten dituzte liburuko kantak Olatz Zugasti, Maddi Oihenart, Josune Lopez edo Abendaño ikastolako abesbatzarekin batera. Luxu bat gure belarrientzat, are gehiago horiek guztiek iragana orainera ekartzen digutelako. Horixe baita liburu honen baliorik handienetakoa, euskal tradizioa, folklorea, gaur egungo haurrei modu erakargarri eta atseginean eskaintzea.
Zubizarreta kapaza izan da batzeko kontakizun hari baten barruan Amona mantangorriren esaerak, Zezenak dira kanta edo Sendagile gaztea ipuina, adibidez, bata bestearen ondoren, irakurlea saltoetan jarriz genero, estilo edo tematika aldetik.
Poliki-poliki edo segidan irakur edo dasta daitekeen altxorra dugu liburu hau, etxean oheratzerakoan edo eskolan, banaka edo taldean, baina modu batean nahiz bestean irakurlearen gozamenerako izango da. Eta hala bazan eta ez bazan… | news |
argia-e2f3c3423b2c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/la-naval.html | Pribatizazioak ontziola eskoratu du azkenean | Urko Apaolaza Avila | 2017-09-24 | Pribatizazioak ontziola eskoratu du azkenean
Sestaoko La Navalek abuztuaren 30ean hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen, bere 220 lanpostuak oso kolokan jarriaz. Langileak ez daude geldi eta irailaren 21ean manifestazioa egingo dute Ezkerraldean. Izebergaren punta baino ez da, ontziolarentzat lan egiten duten azpikontratetako eta enpresa hornitzaile txikietako ehunka lagun askoz okerrago baitaude. Hondamendia 2006an hasi zela dio zenbaitek, Espainiako Gobernuak La Naval esku pribatuetan utzi zuenean.
"Jendeak ezin du begira egon". La Navaleko zuzendaritzako kide batek joan den irailaren 11n egindako bileran botatako esaldi horrek erresumina sortu zuen langileen artean, batek baino gehiagok pentsatuko zuen, "eta zuek nora begira egon zarete orain arte?". Enpresaren kudeaketa txarrari egozten diote gehienek ontziolaren oraingo egoera larriaren errua.
Egun horretan bertan zuzendaritzak iragarri zuen aldi baterako kontratua duten 50 langile bota eta lantalde finkoa osatzen duten gainerakoei enplegua erregulatzeko espedientea irekiko ziela sei hilabeterako. Likidezia falta eta lan kargarik eza argudiatu dute sozietateko arduradunek. La Navalek baditu hainbat ontzi eraikitzeko bere eskaera zorroan, baina jarduera oso eskasa da momentu honetan Sestaoko instalazioetan eta hornikuntza ere geldirik dago, azken urteetan pilatutako zorren eta galeren ondorioz.
Hartzekodunen konkurtsoa edo inbertitzaileen mauka
Despidoaren atarikotzat hartu daiteke erregulazio dosierra zabaltzeko neurria, abuztuaren 30etik hartzekodunen konkurtsoan baitago La Naval . Ajeak ez dira oraingoak ordea, 2014an eskaera krisi larria igaro zuen eta langileak etxera bidali zituen denbora batez lan karga sartu artean. Herbehereetako TESO enpresarentzat ferry bat eraikitzeak salbatuko ei zuen, baina negozio hori eta hurrengoak ez zitzaizkion uste bezain ondo atera. Hala, aurtengo udaberrian hornitzaileei ordaintzeari utzi eta uda hasieran aurre-konkurtsoa aurkeztu zuen. 80 milioi euroko galerak ditu La Navalek, hornitzaileei 50 milioi zor dizkie eta bankuei beste 150.
Dirutza horri aurre egiteko modua izan zitekeen kapital soziala handitzea, eta aukera hori oso zabalik zegoen duela hilabete batzuk, Manuel del Dago enpresari asturiarrak esperantza elikatuta. Del Dagok 90 urte ditu eta Miamin bizi da, Picos de Europan artzain izatetik Kolonbian eta AEBetan ontzigile izatera igaro zen eta gaur egun Naviera del Nervión-en jabeetako bat da, La Navalen akzioen %10 duen enpresa. Zenbait hedabidek argitaratu du enpresaria proposamena egitear dela; izan ere, konkurtsoan sartuta, inbertitzaileak zorraren zama ez luke izango, baina ikusi beharko litzateke nola eragingo liekeen langileei.
Balizko koiuntura horrek, ordea, ez lituzke alboko kalteak eragotziko ingurumarian dabiltzan dozenaka hornitzaileren artean, La Navalek ez baitie zorretan utzitakoa kitatuko. 40 edo 50 enpresa txiki eta ertain dira euren produkzioaren zati handiena ontziolara bideratzen dutenak, eta azpikontratekin batera 1.600 lagun ingururi ematen die lana. La Naval likidatuko balitz haiei egingo die kalte handiena, kaleratzeak eta aurrejubilazioak negoziatzeko indar askoz gutxiago baitute. Sestaoko Podemosek enpresontzako erreskate plan bat abian jartzeko eskatu du, kreditu bigunak eskainiz.
Sestaoko instalazioak, geografikoki oso ondo kokaturiko lurrak izanik, espekulazio urbanistikoaren mamua ere zabaldu da. (Argazki Press / Luis Jauregialtzo)
Historia pixka bat: 2006ko pribatizazioaren ondorioak
Enpresaren norabidearen erantzukizuna Ingeteam eta Murueta ontziolek dute bizkar gainean, beraiek baitira jabe nagusiak –akzioen %38 bakoitzak–. Langileek hori badakite eta joan den irailaren 8an akziodunek eta enpresa batzordeak egindako bileran garbi utzi zuten: Sestaoko plantaren kanpoaldean bilduta Ingeteam-Murueta errudun leloa zeraman pankarta handi bat zabaldu zuten. 2006an erosi zutenetik La Naval "kontrolik gabe" eraman dutela diote.
Ontziola historikoak gorabehera ugari izan ditu 108 urteko bere historian. Euskalduna ontziola ezagunarekin batera sektore publikora pasa zen 70eko hamarkadan eta milaka langile biltzen zituzten bien artean. 1984an Euskalduna itxi zutenean La Navalek jarraitu zuen funtzionatzen eta ondoren Izar taldera pasa zen, hau ere estatuaren esku –industria partaidetzak kudeatzeko SEPI sozietate publikoarena zen–, harik eta 2004an Zapateroren gobernu sozialistak erabaki zuen arte Izar taldearen arlo militarra mantentzen segi eta gainerakoa –La Naval barne– pribatizatzea.
Egon zen Sestaon gerrarako barkuak egiteko tentaldirik, baina zorionez gaur egun ez du halako zamarik. Hala ere, UGT eta CAT sindikatuek SEPIrekin adostutakoaren arabera, La Navaleko langile finkoek oraindik aukera izango lukete Espainiako ontzigintza militar publikoa barnebiltzen duen Navantia sozietatera joateko –Cartagenan, Cadizen eta El Ferrolen ditu lantegiak–, eta berez egina dute eskaera hori, Sestaoko panorama iluna ikusita.
2006an La Naval geratu zen Construcciones Navales del Norte-ren esku, hainbat enpresa pribatuk osatutako sozietatea. Eusko Jaurlaritzak ez zuen begi onez ikusi operazioa eta ELAk ere gogor kritikatu zuen. Pribatizazioaren aurretik 1.200 behargin aritzen ziren Sestaon eta horren ondotik apenas iristen ziren 400 ingurura. Baina ontzigintzaren arloan esku-lanak pisu handia dauka eta Sestaoko faktoriak ehunka lagun azpikontratatu ditu urteotan eskariak aurrera ateratzeko, baldintza askoz okerragotan ordea.
La Navaleko langileen lanpostuak baino askoz gehiago dago jokoan: industriagintzaren joera deduseztatzailea agerian utziko luke itxierak
2009an azpikontrataturiko langileok protesta egin zuten, atzerriko langileen desesperazio egoera baliatuz "konkurrentzia desleiala" bultzatzen ari zirelako –ELAren esanetan astean 60 orduko lanaldi prekarioak egiten ari ziren–. Nolanahi ere sindikatuek garbi utzi zuten "langile guztiak direla jokabide horren biktima". Pribatizazioak, beraz, ehunka lagun babesgabetasun egoeran utzi ditu prekarietatearen eta langabeziaren aurrean.
Industria politikarekin zer?
Eusko Jaurlaritzak uko egin dio La Naval salbatzeko diru publikoa jartzeari "ekimen pribatuko" enpresa delako bere esanetan. Langileek gobernu autonomoari gogorarazi diote pribatizazioaren kontra azaldu zela bere garaian eta ontziolaren kontrola hartzeko eskatu diote, berme horrekin finantzabideak aurkituko dituztelakoan. Hain justu, hainbat analista ekonomikorentzat (ikusi Juan Mari Arregiren zutabea ARGIAren 2.565 zenbakian) finantzazioak egin du huts; Kutxabank eta antzeko erakundeen jarreran nabarmendu dute, Eusko Jaurlaritzari "xantaia" egiten ari zaielako ontziolak bankuekin dituen zorrak beregain hartu ditzan.
La Navaleko enpresa batzordeak ez du etsi instituzioen inplikazioa bilatzeko orduan eta mahaia osatu nahi du Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuarekin. Ezkerraldeko alkateekin izan direnean ere hori eskatu diete –Urkulluren exekutiboa osatzen duten EAJ eta PSE alderdikoak dira denak–, baina alde horretatik ez dute erantzun garbirik jaso. Bestalde, Sestaoko Udalak ontziolako lurrak "blindatu" ditzala nahi dute, industriarako izaten segi dezaten; espekulazio urbanistikoaren mamua pribatizazioa hasi zenetik egon da presente geografikoki gozoki bat diren terreno horietan.
Honetan guztian jokoan daude La Navaleko langileen lanpostuak baino askoz gauza gehiago. Ezkerralde osoko tailer eta lantegietan eragina izango luke ekonomiaren traktorea den ontziolaren itxierak. Baina horrez gain, industriagintzak Hego Euskal Herrian hartu duen joera deuseztatzailearen froga bat gehiago litzateke, eta Eusko Jaurlaritzak erabili ohi dituen datu makroekonomiko onen –%3ko hazkundea 2018 arte– azpian beste errealitate bat ezkutatzen dela erakutsiko luke. | news |
argia-501b683f5f2f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/garbine-petriari-ijurra.html | Demokrazia, giza eskubideak eta hizkuntza | Garbi�e Petriati Ijurra | 2017-09-24 | Demokrazia, giza eskubideak eta hizkuntza
Giza eskubideen aitortza eta bermea dira sistema politiko demokratiko bat ondoen ezaugarritzen duen elementurik adierazkorrena. Eta giza eskubideen bi funtsezko balioak dira berezko duintasunaren errespetua eta pertsonon berdintasuna.
Pertsona guztiak, hala izate hutsagatik berez ditugun eskubide komunen multzoa dira giza eskubideak. Izan ere, hala jasotzen da Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean: "… ez da inor diskriminatuko arraza, larru kolorea, hizkuntza, erlijioa, iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako goraberengatik…".
Hori horrela, lurraldekoa/norberaren hizkuntza erabili nahi eta ahal izatea giza eskubideen parametrotan kokatu behar dugu. Esan dezakegu giza eskubideen dimentsio linguistikoa direla oinarrizko hizkuntza eskubideak. Norbere hizkuntzaz baliatu, hura erabili eta garatzeko eskubidea. Gainontzeko eskubideen bermea bezain funtsezkoa pertsonen ongizatea eta duintasuna bermatzeko.
Gutxieste historia luzea pairatu dute hizkuntza-eskubideek Nafarroan. Eta hizkuntzarengatik egun bereizkeria sortzen jarraitzen duen funtsezko elementua da 1986ko Euskararen Foru Legea. Legean jasotzen diren hizkuntzaren inguruko irizpideak pertsonen arteko sailkapen bat egiten dute. Herritarren arteko bereizkeria eta baztertze soziala sortzen du.
Praktikan, batzuei eskubidea aitortzea eta beste batzuei ukatzea pertsona batzuk beste batzuen gainetik jartzea da. Hizkuntza hautua dela eta egiten den diskriminazioan pertsona bera dago bereiztua bere mintzatzeko maneragatik.
Botere politikoek bere administratuei eskubide berberak aitortzen ez dizkien bitartean, hizkuntza hautua egiteko eskubidea bermatzen ez dien bitartean, praktikan giza eskubideak urratzen dira. Nafar oro berdina da betekizun fiskaletan, administratiboetan… ez, ordea, hizkuntza eskubideei dagokienean.
Eskubideen alde egiten dugu; ez da saltzen dugun gauza bat, bete nahi duguna baizik. Euskaraz bizi nahi duten herritarrek sentitu nahi dute euskara baliodun hizkuntza bat dela, egokia eta baliozkoa. Eta giza eskubideek euskal hiztunok pairatzen duguna azaltzeko eta interpretatzeko marko bat eskaintzen digute.
Desabantailan bizi den jendea edota komunitateak existitzen diren bitartean defizit egoera bat izango du demokraziak. Lurralde bateko afera linguistikoak ere agerian jartzen du zernolakoa, zein garapen maila eta zein osasun duen demokrazia batek; herritar guztiei eskubide berberak aitortzen ez bazaizkie eta aukera berberak ez badituzte edota, hizkuntza arrazoiengatik bazterkeria sufritzen duten herritarrak baldin badaude, demokrazia (linguistikoan) sakontzeko ahalegina eta indarra egin behar da.
Hizkuntza eskubideen eta giza eskubideen arteko harremanaren ulerkuntza eta horren sakontzea ezinbestekoa da. Giza eskubideen unibertsaltasunean sinisten badugu, has gaitezen guztiok, eta lehen lehenik gobernu eta indar politikoak eguneroko bizitzan pertsona orok eskubide eta aukera berdinak edukitzea galarazten duten hainbeste oztopo ezabatzearen aldeko jardunean.
Asko dago egiteko zentzu horretan. Hitz eta kontzeptu horietaz jabetzeak ondorio positiboa baino ez baitu izango nafar guztien arteko elkarbizitzan. Guztiok kabitzen garen etorkizuna irudikatu behar dugu.
G arbiñe Petriati Ijurra Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria da | news |
argia-1cd0651da94f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/oskar-zapata-solano.html | ...eta hauek ere bai | Oskar Zapata | 2017-09-24 | ...eta hauek ere bai
2010eko maiatzaren 15ean "Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea" aldarrikatzeko milaka euskaltzale batu ginen Iruñan. Nazkatuta, haserre, baina harro. Izan ere, Gobernuak 2001etik hizkuntza politika garbia ezarri zuen: euskaldunon ukazioa, ez ginen existitzen, beraz eskubiderik ez.
2015ean, 200 bat botoren alde estu batengatik lortu bazen ere, gobernu aldaketa posible egin duten lau alderdietan euskaltzale kopuru esanguratsua dago. Hala ere, alderdiok legea aldatzeko adostasuna ez dute lortzen. Ondorioz, Nafarroan euskarak estatus juridiko egokirik gabe segitzen du. Baliabideei dagokionez, urratsak ematen ari diren arren, urrun gaude beharretatik. Zentzu horretan, gaurkotasun osoa izaten segitzen du eskubideen aldarrikapenean oinarritutako diskurtsoak.
Halaber, Topagunetik, ate berriak irekitzen eta zubiak eraikitzen lagundu dezakeen beste ildo berri batzuk zabaltzeko beharra ikusten dugu. Hortik joko dugu gaurkoan, hausnarketaren abiapuntuak ondokoak direlarik: batetik, hurrengo urteetan, orain bezalaxe, Nafarroan euskaltzaleak eta ez euskaltzaleak biziko gara, bi hiztun komunitateak existituko gara ahulago edo indartsuago; bestetik, egun gehien zabaltzen diren diskurtsoak aldeko zein kontrako poloetara heltzen dira errazki, ez horrenbeste besteengana.
Gure ustez, euskararen afera gizarte osoaren ardura da. Gizarte afera izanik, bide onetik aurrera egiteko, gehiengoak ematen duen boterea eta babesa eskuratu behar da. Nafarroan gaur ez dago gehiengo hori euskararen alde. Zenbaki txikietara jaitsi gabe, heren bat alde dago, heren bat kontra eta azken heren bat zalantzan. Azken multzo honetan erdia euskaltzaleetatik hurbilago, beste erdia urrunago delarik. Ez dirudi hurrengo urteotan egoera asko aldatuko denik. Beraz, gehiengo soziala eta politikoa egonkortzeko, zalantzan dagoen herena irabazteko dugu euskaltzaleok.
Hau esanda, zalantzan dauden heren horri zuzenduriko diskurtsoak elikatzeko proposamen batzuk egiteko ausartuko gara, bi premisa hauek beti buruan: gatazka egon badago eta inozokerian ezin gara erori.
Hasteko, ausart eta fin ibiltzea komeni zaigu; izan ere, badira bi gai bereziki gatazkatsuak diskurtso zein erabakiak gizarteratzerakoan: lanpostuak administrazioan (herritarren eskubideak lehenesteko beharra izan daiteke ildo egokia) eta hegoalderentzako hedapen geografikoa (udalen mugimendu demokratiko erradikala eredugarri). Dena dela, edozein gai dela ere, horra hor ideia batzuk:
Berdintasuna, errespetua, aitortza, bizikidetza pertsona eta hizkuntzen artean: Sentimenduaz ari gara, eskubideak zuek eta guk ditugu. Elkarrekin biziko gara. Elkarren onarpenabehar dugu.
Demokrazia, jakintza: Gehiengoaren babesa nahi dugu, gutxiengoen eskubideak errespetatuta. Hizkuntza politika sendatzaile, garatzaile eta progresiboa proposatzen dugu. Jakintza metatua dugu.
Aberastasuna: euskara bizirik dela pertsona eta komunitate gisa anitzagoak, aberatsagoak, exotikoagoak, erakargarriagoak gara. Merkatu aukera gehiago ditugu, etxe ondoan ere.
Ekologia, modernitatea: Apustu ekologikoa da euskararena. Euskaldunok munduarekin konektatuta gaude erabat, euskal kultura gaurkoa da. Ideologia, pertsona, hizkuntza aniztasuna gizarte heldu moderno demokratiko eta osasuntsu baten erakuslea da.
Bistan da, kontzeptu bakoitzak bere garapena eta zuzentzen den xede talderekiko egokitzapena behar dituela, belarriak goxatu eta euskaltzaleen helburuaren alde gero eta Nafartar gehiago jarriko baditugu.
Oskar Zapata Solano Euskaltzaleen Topaguneko kidea da | news |
argia-d168ee5ddc69 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/bizkaiko-foru-aldundiak-600000-euro-gastatuko-ditu-laguntza-sozialen-kontrola-areagotzeko.html | Bizkaiko Foru Aldundiak 600.000 euro gastatuko ditu laguntza sozialen kontrola areagotzeko | Xalba Ramirez | 2017-09-13 | Bizkaiko Foru Aldundiak 600.000 euro gastatuko ditu laguntza sozialen kontrola areagotzeko
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aurkeztu du "laguntzak bai kontrola ere bai" kanpaina, laguntza sozialetan jarraipen estuagoa egiteko eta baldintzak berrikusteko. 600.000 euroko aurrekontua erabiliko da "16.000 prestazio eta 350 zentro baino gehiagotan zerbitzu horiek eta euren helburuak betetzen direla egiaztatzeko".
Rementeriaren arabera "Bizkaia gizarte solidarioa da eta aurrerantzean ere izaten jarraitu nahi du baina, aldi berean, erakundeek gizarte laguntzen kontrol handiagoa garatzea nahi du: laguntzak bai, kontrola ere bai."
Dagoen iruzurraren gaineko daturik eman gabe egin du kanpainaren aurkezpena Rementeriak Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintza diputatuak eta Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak lagunduta, bi sail hauetan eragina izango duelako planak.
2017-2019 urteetarako Plan Orokorraren barruan egingo dira berrikuspenak eta "benetan" behar duten pertsonei kalitatezko laguntza bermatzeko neurria dela esan dute.
Askotan izan da laguntza sozialen polemika azken urteetan. PPko Javier Marotok adibidez, "Laguntza Bidezkoagoak" elkartearekin bat egin zuen Gasteizko alkate zenean. Oinarrizko errenta jasotzen duten pertsonak, bereziki migratzaileak, seinalatu izan zituzten, dikurtso xenofobo bat plazaratuz.
Kanpainareko erabiliko duten kartela | news |
argia-ccf7715aec68 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/4000-urteko-tupperware-a-alpeetan.html | 4.000 urteko 'tupperware'-a Alpeetan | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-09-24 | 4.000 urteko 'tupperware'-a Alpeetan
Duela bost urte egurrezko ontzi biribil bat aurkitu zuten Suitzako Alpeetan, Lötschenpass gainetik gertu, 2.650 metroko altitudean. Objektua aztertu ondoren, emaitzak Scientific Reports aldizkarian jakinarazi berri dituzte.
Ontziak 4.000 urte ditu; Brontze Aro hasierakoa da, beraz. Horrek ez du esan nahi gizakiak goi-mendi haietan bizi zirenik, batetik bestera joateko zeharkatzen zituztela baizik, eta bidean elikatzeko janaria eramaten zutela. Baina daturik interesgarriena barruan aurkitutako gari arrastoak dira. Brontze Aroko aztarnategietan maiz aurkitu dira zereal arrastoak; ez ordea ontzien barruan. Hogei zentimetroko ontzitxoa Eurasiako nekazaritzaren hastapenen berri izateko funtsezkoa izan daiteke. | news |
argia-d0a43d8f7aa0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/bozka-ezazue.html | Bozka ezazue | Itxaro Borda | 2017-03-12 | Bozka ezazue
Azken egunotan, Baionako afixa-guneetan, hizki gorriz eta bi hizkuntzatan agertzen da botoa emateko deia. Aurten dauden hitzorduak ahantziko bagenitu bezala! Agian, askatasun indibidualaz gozatzen garen hondar hilabeteak ditugu eta maiatzaren 5etik hara bizitza erabat aldatuko zaigu: bistan dena, jauna/anderea, bozkatuko dugula…
Egunsenti batez, lasterka nenbilela, aldarri bitxia hurbilagotik miatzeko zortea ukan nuen. Harritua nintzen, sosegatua ere, ez bide zen egoera hain larria, jendetasunak bazuen egoera benetan latzei ihardukitzeko kemena eta indarra: lasai, potxola, irabaziko dinagu Dolores: "No pasarán!".
Halatan, 2017ko Baionako Bestetako afixa botoz hautatzera deitzen gintuzten. Urte oroz bezala funtsean. Horrek lehendakaria aukeratzea baino garrantzi handiago bailuen. Etxera eta hiriaren webgunean sartu nintzen bost obrak aztertzeko: irudietako pertsonaia gehienak gizonezkoak ziren, salbu artista emakumezkoek aurkezturiko bi lanetan. Hain zaila al da paritatea margotzea?
Eroen Uhartea, snipperrik gabe ordea, laburbiltzen zuen obraren alde egin nuen klik bat. Udako beroa, jendetza, jotak Gaztelu Zahar aldean eta ikastolak apailatu taloak amestu nituen berehala.
Ordura arte iraun beharra zegoen. | news |
argia-1b5417a8af35 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/euskal-elkargoa.html | Posibilismoaren bidean | Mikel Asurmendi | 2017-03-12 | Posibilismoaren bidean
Frantziako Estatua Errepublika denez geroztik, lehen instituzio politikoa eratu da Ipar Euskal Herrian; Errepublikaren Lurralde Antolaketa Berriaren baitan, NOTRe legearen markoan. Euskal Herri Elkargoa du izena, Communauté Pays Basque. Sortze beretik, izenak berak hainbat dilema sorrarazi du. Aglomerazioa, hirigune, herri eta lurralde izenordeak ere eman baitzaizkio.
Euskal Elkargoa da euskarazko hedabideok lehenetsi dugun izena. Izena duenak izana du. Hau da, nortasuna. Berezko identitatea. Iparraldean iragan mendean ernatu zen euskal abertzaletasunik gabe, gaur egun ez zen berezko instituziorik egongo. Alta, bere eraketak abertzaleen artean sorrarazi du ezbai eta mesfidantza gehien. Badaude bestalde, "zalantza demokratikoa"ren izenpean, instituzioaren kontrakoak, frantses alderdi guztiak zeharkatzen dituen jakobinismoaren ildoan ari direnak.
Euskal Elkargoaren lehen batzar ofiziala urtarrilaren 23an izan zen. Batzarra zertu ahal izateko, erakundearen gidaritzako kideek Gobernantza eta Fiskalitate gaietan oinarrizko akordioak erdietsi behar izan zituzten. Haatik, Elkargoaren aurkakoek ordurako hirugarren helegitea jarria zuten erakundearen sorrera galarazteko. Era berean, Euskal Elkargoak hizkuntza eta kultura politikaren eskumena bere gain hartuko zuela baieztatu zuen, Euskal Konfederazioa eta Euskaltzaindiaren eskaera hobetsiz.
Jean-René Etchegaray da presidentea. Politikari zentrista eta Baterako kidea. Abertzaleen aldarrikapenak bere egiten ditu. Ziur aski, frantses jakobinistek eta euskal abertzaleek iritzi hauxe partekatzen dute: Baionako auzapeza (Etchegaray) egitasmoan engaiatu izan ez balitz, gaur egungo egoera politikoa bestelakoa litzateke Iparraldean. Euskal Elkargoaren sorrerak galdera franko aireratu ditu solastoki politikoetan, alde batean zein bestean. Etchegarayk politikaren erdialdea ordezkatzen du. Hona galdera horietako bat: posible al da abertzaletasuna eta jakobinismoaren arteko bateragarritasuna?
Batzorde Eragileko izendapenak indar korrelazioaren logikaren barnean egin dira, ez da logikoa baina, instituzioaren aurkako hiru helegiteak jarri dituztenen artean kargudunak egotea
Euskal Elkargoak lehen urratsa eman zuen: ezagupena. Egun berean, euskal instituzioen aldarrikapen historikoak bete ahal izateko zorua aurkeztu zuen. Abiatzeko oinarrizko bost puntuak hauexek dira: 1. Herriarteko egitura. Herri guztietako ordezkarien eta biztanleriaren arabera proportzionalki eratua izatea. 2. Eskumenak. Orain arteko hamar herri elkargoen eskumenak jaso ditu: hirigintza, herriarteko garraioa, hondakinen antolamendua... 3. Aurrekontua. Iraganeko hamar elkargoek erabilitako diru bera dauka. Arlo gehiago garatu ahala eskumen gehiago eskuratuko ditu, baita aurrekontua handituko ere. 4. Lurraldetasuna. Ez du berezko eskumenik, baina, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa ordezkatzen du lehen aldikoz historian. 5. Bilakaera: elkargoak eskumen urriak ditu, ageri denez. Hau da, autonomia mailako erakundea eraikitzeko beharrezkoak diren eskuduntzak izatetik urrun dago. Erakundearen bilakaeran arabera garatuko da bere ahalmena. Ahalmena, instituzioaren ordezkari politikoen indar korrelazioaren eta herritarren bultzadaren araberakoa izanen da.
NOTRe legeak ahalbidetu du Euskal Elkargoa, oraingoz ordea, berau eraikitzeko zorua besterik ez dago. Frantses zuzenbidearen markoan egin behar du bide. Abertzaleen aldarrikapen historikoek ez dute de facto instituzio berrian lekurik. Tokiko eragile politikoek –alderdiak buruan buru– lortuko duten adostasunen arabera behartuko dute frantziar legaltasuna. Konparazione, Hexagonoan frantsesak ez beste hizkuntzak ez du izaera ofizialik, beraz, euskarak ere ez. Lehen batzarrean, Hendaiako hautetsi (EH Bai) Iker Elizaldek euskara eta frantsesa erabiltzea galdatu zuen. Bokaleko Francis Gonzalez hautetsiak uko egin zion eskaerari, "Frantzian gaude" ozenki erranez. Angeluko Guy Mondorge hautetsiak berretsi zuen haren errana, gaskoia euskararen mailan balioetsiz. Etchegarayk duda-muda guztiak uxatu ditu: "Frantses zuzenbidea da nire muga". Batera mugimenduko kide eta abokatuak legea ongi ezagutzeaz beste, desioa eta errealitatea bereizten ditu. Euskararen koofizialtasuna bere egiten du, baina instituzio berriaren egonkortasuna ziurtatu nahi du lehenbizi. Beraz, instituzioaren jardueran euskarak ez du lekurik. Erakundearen aktak, esaterako, ez dira euskaraz jasoko.
Frantses jakobinistek eta euskal abertzaleek iritzi hauxe partekatzen dute ziur aski: Baionako auzapeza egitasmoan engaiatu izan ez balitz, egungo egoera politikoa bestelakoa litzateke Iparraldean
Otsailaren 14an, Elkargoaren Batzorde Eragileko kideen izenak eman ziren ezagutzera. Elkargoaren kidetasunaren eitea honako hau da: hautetsien ordezkaritza askotarikoa da, baina zentro-eskuineko ordezkariak nagusi dira batzordean. Oro har, EH Bai koalizioaren eta Les Républicains alderdiaren ordezkariek dute ordezkari gehien, launa kide. PSk, UDIk, MoDemek eta EAJk bana. Identifikazio ideologikoa agerikoa da. Praktikan, hala ere, hautetsi gehienek alderdi horien siglarik gabe hautuak izan ziren eta halaxe dihardute. Besteak beste, Hiriburuko auzapez Alain Iriart, Miarritzeko hautetsi Peio Claverie eta Izpurako auzapez Daniel Olzomendi abertzaleak daude. Alabaina, badaude ere Angeluko auzapez Claude Olive, Euskal Kostako-Aturri Hiriguneko presidentea, Bidarteko auzapez Emmanuel Alzuri eta aipatutako Francis Gonzalez. Izendapenak indar korrelazioaren logikaren barnean egin dira, alta, ez da logikoa azken horiek instituzioaren aurkako hiru helegiteak jarri dituztenen artean egotea.
Elkargoaren presidente Etchegarayk "adostasuna eta oreka" ditu hitz kuttun. Izendapenen artean, Beñat Arrabitenak eman du zer esana. EAJko kidea da, Arrosako auzapeza eta Garazi-Baigorriko herri elkargoko presidente izana. Elkargo berriko presidenteordea eta hizkuntza politikako arduraduna da. Ezker aldeko abertzaleak eta euskaltzaleak "ustekabean" harrapatu ditu izendapenak. Beñat Arrabitek aitortu duenez, berak ere ez zuen izendapena espero. Hizkuntza saila garatzeko bitarteko berririk ez duela adierazi du halaber. Esaterako, Euskararen Erakunde Publikoa (EPP) Euskal Elkargoan uztartzea omen du lehen zeregina. Abiaburuan deus berririk ez dago. Elkargoaren inguruan ezagutu den berririk esanguratsuena sinbolikoa izan da. Otsailaren 2an, Etchegaray –ofizialki izendatu aitzin– eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu Baionan bildu ziren. Bi instituzioen arteko harreman izaera zehazteko lantalde baten sorrera iragarri zuten.
Zenbat buru hainbat aburu. Alabaina, Iparraldeko izaera politikoaren aldarrikapen historikoari begiratzen badiogu, ez da beste bi lurraldeen –EAE eta Nafarroako Foru Komunitatea– bilakabidetik horrenbeste aldentzen. Herri aitzindaritzan ari diren eragile politikoek estatuen "legaltasunaz haragoko" aldarrikapenak sustatzen dituzte eta "legea"ren jabe direnek aldarrikapenak egokitzen dituzte abagune politikoaren arabera. Nafarroan legez, EAJ abertzaleen gutxiengoa izanagatik, Iparraldean ere, EAJk bere urratsa eman du bertako lehen instituzio historikoaren eraketa eman orduko. Izaera horrek izen-abizenak ditu: posibilismo politikoa. | news |
argia-3c9f1af9736e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/miriam-aleman-hezitzailea.html | "Neskak indartsu datoz, baina gizartearen begiradak boterez husten ditu" | Danele Sarriugarte Mochales | 2017-03-12 | "Neskak indartsu datoz, baina gizartearen begiradak boterez husten ditu"
Etorkizunaren hauspoa ei dira gazteak. Haiei omen dagokie belaunaldi zaharren inertziak astintzea. Eta, hala ere, sarri errazagoa eta erosoagoa zaigu haiek ere zorrotz betetzea tradizioaren mandatuak. Miriam Aleman hezitzaile eta Candela elkarteko kidearen iritziz, denok dauzkagu gure barruan hobeto bizitzeko tresnak, baina gazteak dira eraldaketa hori sortzen azkarrenak. Sexualitatearen esparruan, horretan ari dira dagoeneko.
Candela elkarteko kidea zara. Nola iritsi zinen horra?
Militantziaren ondorioz iritsi nintzen elkartera, ez ikasketen ondorioz. Kaleko feminista nintzen ni, erraietakoa, eta baneukan halako sentipen bat, eragin politiko murritza geneukala, nolabait. Candela ezagutzen nuen jada, ez zen zehazki gaur egun dena, baina bazen gizarte eraldaketa feminista lortu nahi zuen proiektu bat, hezkuntzarekin eta bortizkeriaren prebentzioarekin lotua. Hainbat adiskide zebiltzan lanean, eta haiek adituta, bertan sartzeko gogoa piztu zitzaidan. Sartu nintzen, eta nire alaba da orain.
Nola aldatu da elkartea sartu zinenetik hona?
Ni sartu nintzenean jardun militantea zen, nahiz eta auto-enplegua sortzeko asmoa ere eduki. Orain ari garen taldea osatu zenean, berriz, lehentasunezko helburu bilakatu zen elkarteko lanari esker bizi ahal izatea. Lan honi denbora eskaini behar diozu, gauzak ikasi… beraz, lanbide bihurtzea bazen jarduna duintzeko modu bat. Hasieran, dirua lortzeko zerbitzari-lanak egiten nituen elkarteko lanaz gainera, eta ezin nion nahi adina tarte eskaini Candelari. Azkenean, apustua egin genuen, eta hementxe gaude. 2017an kooperatiba bilakatu nahi dugu, zeren, egiatan, kooperatiba baikara, elkarte baten gorputzean preso [barreak].
Zer egiten duzu elkartean?
Gazteen atala koordinatzen dut, nerabeekin eta gazteekin lotutako proiektu guztiak, hala nola formazioak eta tailerrak; El blog de la Lore blogaz ere neu arduratzen naiz. Bestalde, gazteekin aritzen diren profesionalak prestatzen ditut: osasungintzako langileak, irakasleak, gazteria teknikariak, gizarte-hezitzaileak…
"Gazteei nazka ematen die arautik kanpo dagoen sexuak, hots, jende eder eta gaztearen sexutik kanpoko guztiak"
Zeintzuk dira elkartearen zutarriak?
Oinarrizko feminismoa, hots, hobeto bizitzeko balio digun feminismoa, guztiontzat. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu gazteengana iristea, izan ere, hortxe baitago eraldatzeko gaitasuna. Pedagogia zehatz bat dugu abiapuntu: pertsona guztiek gordetzen dituztela beren barruan hobeto bizitzeko tresnak eta denok ohartzen garela gizarteko zerk ez digun onik egiten. Kontua da gazteak direla eraldaketan azkarrenak, oraindik ez baitute errotu egokitasun politikoa, beraz, pentsatzen dutena esaten dute, eta errazago lantzen dira estereotipoak eta usteak.
Egokitasun politikoa oztopo da, beraz?
Halako gauzak lantzeko orduan, ezin zeharkatuzko murru bat da egokitasun politikoa: helduoi izugarri nekeza zaigu egia esatea. Adibidez, dinamika bat daukagu nork bere jarrera homofoboak identifikatzeko. Dinamika hori egitean, jendeak astakeriak azaltzen badizkizu, badakizu lanean ari direla; beste batzuek, berriz, esaten dizute: ene, ba ez zait bat bera ere okurritzen… Horrela ezin diozu arazoari aurre egin.
Eta gazteen kasuan?
Gazteekin zeharo ezberdina da. Sexu aniztasuna lantzen dugunean, nazkaren gaia jorratzen dugu asko. Homofobia emozionala deitzen diogu horri, ez baita arrazionala, ez da buruan jaiotzen, eta badago modua hori errekonozitzeko eta deseraikitzeko.
Gazte batek esaten dizu: niri ez zait axola gayak badira, baina bi gizon bibotedun elkarri musuka… Nazka errekonozitzen badute, galdetu diezaiekezu ea zerk ematen dien nazka zehazki, zeren, adibidez, 80 urteko bikote baten musuak ere sortzen die hori, nahiz eta bikote heteroa izan. Beraz, egiatan nazka ematen die arautik kanpo dagoen sexuak, hots, jende eder eta gaztearen sexutik kanpoko guztiak, horrelaxe hezi gaituzte eta.
Zer metodologia darabilzue helduekin?
Lehen pertsonan egiten dugu lan eta saiatzen gara helduen begirada hausten: gazteek ez dakitela, gazteek harreman desorekatuak dauzkatela (helduenak halakoak ez balira bezala), gazteak oso matxistak direla (matxismoa neurri batean helduengandik etorri ez balitzaie bezala), eta abar.
Pentsatzen dut bullying kasuen ostean deituko dizuetela sarri eskoletatik.
Bai, eta guk beti esaten dugu prebentzioa oinarrizkoa dela. Bullyinga gertatu aurretik deitu behar ligukete.
Argazkia: Dani Blanco.
Zergatik da hain garrantzitsua prebentzioa?
Batetik, bazterketa beti dagoelako: patriarkatua hor dago, baita homofobia ere. Dagoeneko gertatu dira gauzak, kontua da zu ez zarela ohartu.
Bestetik, adibide bat ipiniko dizut. Asko gertatzen da orain, neska batek argazki sexy bat bidali diola gustuko duen mutilari edo bikotekideari edo dena delakoari eta gero tipoak Katalunia osora zabaldu duela. Zer dago horren atzean? Emakumeen sexualitatea zigortzea, argi uztea emakumeok ez daukagula eskubiderik esparru publikoan egoteko eta geure sexualitatea erakusteko. Gertatu ostean heltzen badiozu gaiari, neska horren disgustua instrumentalizatuko duzu, eta bestelako esku-hartze bat egin behar duzu. Gertatu aurretik lan eginez gero, ordea, jorratzen baduzu argazki bat baimenik gabe zabaltzea mina egitea dela, erasoa dela, bada akaso zabalduko da hala ere, baina gertatzen denean, beste modu batean hartuko da, ez da oihanean jausiko. Gazteek jada kontzientzia hartua dute horri buruz, gorputzetik pasatua izango dute.
Zer-nolako sexu-heziketa jasotzen dute gazteek?
Gure gizartean tabu bat da sexualitatea, nahiz eta, aldi berean, gizarte hiper-sexualizatu bat izan, emakumeen aurkako indarkeria oinarri. Tailerrak egitean, sexualitatearen arriskuei buruz hitz egiten zaie gazteei. Egiatan, nerabeek sekulako premia daukate sexualitateari buruz hitz egiteko, galdetzeko, ikasteko, eta behingoagatik tailer bat eskaintzen dietenean, zera, esaten diete gaitz beldurgarri batek jota hil daitezkeela ez badute ondo egiten. Inork ez die plazera aipatzen. Gure abiapuntua horixe da: plazera, nork bere sexualitatea, eta eskubide sexualak eta erreproduktiboak.
Badakit zaila dela halakoak egitea, baina aipatuko zenidake zer-nolako egoerak ikusi dituzuen ikasgeletan, oro har?
Batzuetan izugarri baikorra naiz eta iruditzen zait bihar bertan amaituko dela patriarkatua, eta beste batzuetan, berriz, iruditzen zait zulo madarikatu batean gaudela eta ez garela sekula aterako.
Hala ere, esango nuke neskak, oro har, indartsu datozela, eta gizartearen begiradak boterez husten dituela batik bat. Neska batek ile luze-luzea badauka eta asko zaintzen badu bere itxura, gaizki iruditzen zaigu, eta akaso neska hori oso potentea da eta oso argi ditu gauzak. Eta dena delako neskak sexu-harremanak baldin baditu, gizarte-zerbitzuetako langile batengana bidaltzen dugu zuzenean. Sexu-aniztasuna dela-eta, nerabe lgtb-ak [lesbiana, gay, transexual, bisexualak] sekulako indarrarekin datoz; sekulako oinazea pairatzen dute isilpean, baina badoaz aurrera, armairutik ateratzen dira, eta ez da gutxi. Ni neu nerabea nintzenean, inor ez zen armairutik ateratzen institutuan, handik alde egin arte itxaroten genuen. Mutilak… tira. Jarrera aldatu beharko dute noizbait.
Oro har, egonezin handia ikusten dugu ikasgeletan.
"Nerabeek sekulako premia daukate sexualitateari buruz hitz egiteko. Tailer bat eskaintzen dietenean, zera, esaten diete gaitz beldurgarri batek jota hil daitezkeela ez badute ondo egiten"
El blog de la Lore izeneko blogaz arduratzen zarela esan didazu lehen. Azalduko zenidake proiektu hori zer den?
Gure ametsa da gazteentzako harrera-gune bat sortzea, aurrez aurrekoa; aspalditik daukagu amets hori buruan, eta gero eta hurbilago dagoen arren, oraingoz ezinezkoa da eta hori ordezkatzeko-edo jarri genuen martxan bloga orain dela lau urte. Laguntza emateko balio du: tailerrak amaitzean, txartelak eskaintzen dizkiegu gazteei, zalantzarik edo galderarik badaukate oraindik, bada horiek bidal ditzaten, modu anonimoan. Gero, neska lesbianei eskainitako atal bat ere badaukagu, hor hutsune handia dago-eta.
Zer-nolako gauzak galdetzen dituzte?
Batez ere, sexu-orientazioari buruzko galderak egiten dituzte, eta "kondoia hautsi zait" modukoak. Neska askok idazten digute esanez ez dutela plazerik sentitzen beren mutil-lagunekin dauzkaten sexu-harremanetan. Frustrazio handia agertzen dute. Mutilek ez dakite zer den klitoria, eta beraz, sarketa da jaun eta jabe, eta neskek ez dute ondo pasatzen. Horregatik ere kritikatzen dugu sexu-heziketa tradizionala, kondoiak nola ipini erakusten dute, eta kito. Aski da. Sarketa ez da sexu-praktika bakarra, ezta garrantzitsuena ere, eta kondoia ipintzea ez da hain zaila, ikasiko dute, ez dira leloak. Kezkagarria da hainbeste galdera egitea horri buruz, baina badu alde onik, zeren neskak jakitun dira eta adierazi egiten dute, ez dute onartu nahi orgasmorik gabeko harremanik.
Orain bi urte, Oasis izeneko udalekua jarri zenuten martxan, lgtb gazteei zuzendua. Nolatan sortu zen ideia hori?
Egia esan, aspalditik generabilen ideia buruan, eta ez soilik Candelako kideok. Proiektua bera Candelak kudeatzen du, baina kanpoko kolaborazio asko ditu. Ikasgeletan, beti topatzen dugu genero-adierazpen diferentea daukan nerabe bat, gaia gertutik bizi duena eta bakarrik sentitzen dena, eta geure artean esan genuen: ez al litzateke itzela izango denak elkartzea, han eta hemen bakarrik sentitzen diren horiek guztiak batzea?
Argazkia: Dani Blanco.
Halako proiekturik ezagutzen al zenuten?
AEBetan badaude halako proiektu batzuk, beraz bagenekien ez zela hain gauza arraroa, baina ez gaude haiekin harremanetan. Gu geu ari gara proiektua eraikitzen etengabe. Hala ere, argi dago bazegoela premiarik. Espainiako Estatua basamortua da zentzu horretan, eta oasi horietan estatu osoko jendeak eman zuen izena, nahiz eta guk, hasiera batean, Kataluniara begira antolatu.
Zer moduzko esperientzia izan da?
Itzela. Candelan egin dudan proiektu ederrenetako bat da. Parte hartu dutenentzat ere halaxe izan da; batzuk bi txandetara etorri dira eta sinestezina da zenbat aldatu diren urtebeteko epean, batez ere mutil transak: nola hitz egin duten, nola dauden, zer-nolako itxura duten… Askoz gusturago daude beren buruarekin.
Familiako kideek ere asko eskertu dute erreferente positiboak ezagutzea. Proiektuaren oinarrietako bat da hori, izan ere, halako mito batzuk daude, adibidez, emakume trans guztiak sexu-langileak direla eta lgtb jendea ez dela zoriontsu. Orduan, gu ikusten gaituzte, ikusten dute gustura ari garela gure lanean, pozik bizi garela… Lasaitu egiten dira.
Homofobiari buruzko lege berria onartu zuten Katalunian 2014an. Zer deritzozu?
Ez dut legea sakonean ezagutzen, hala ere, legeen harira, zerbait esan nahi nuke. Orain dela zenbait urte, legeen guztiz kontrakoa nintzen, eta egia esan, ikuspegia aldatu dut, ikusitakoaren ondorioz. Kaleko borrokan ari zarenean, ez zara konturatzen borroka ez dela iristen emakume mordo baten premietara, bortizkeria pairatu eta sarerik ez daukatenengana. Legea lagungarria da, nahiz eta ez den nahikoa, lege paternalista da, estatuak ez du sekula egingo ezer bere buruaren aurka, eta abar, eta abar. Tresna bat da, azken batean, eta horrelaxe hartu behar dugu. Ez da panazea, baina ez da hutsaren hurrengoa.
Candelako lanaren ondorio al da ikuspegi-aldaketa hori?
Dudarik gabe. Errealitate zabalago bat ezagutu dut elkarteko lanari esker. Malguagoa naiz. Adibidez, sexualitatearen harira, prebentzioa da kalteak murriztea. Ez dago erabateko prebentziorik, edo bai, baina horretarako zure burua zelofanean bildu beharko zenuke eta orduan jo larrua nahi duzunarekin, eta tira, ez nizuke hori gomendatuko. Beraz, kalteak murriztu. Egoerarik idealena ez da 15 urteko neska batek pilula hartzea, baina dena delako arrazoia dela medio ez badu kondoia erabiliko, bada, orduan, har dezala pilula. Testuingurua ezagutu behar dugu, eta horren arabera ekin, eta ez bota super epai moralik, horixe egiten baitu gaur egun hezkuntzak eta gizarteak. Neska batek bereak eta bi aditu behar ditu pilula hartu badu. Begirada horrek suntsitu egiten ditu, boterez hustu, eta ez da batere lagungarria. Hori bai, gero neskentzako autoestimu tailerrak antolatzen dituzte etengabe. Neskak behin eta berriro ergeltzat hartu ostean zer autoestimu sustatu nahi dute? | news |
argia-e568c11ddd8d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/garaziko-libertimendua.html | Espazio aske bat | I�aki Etxeleku | 2017-03-12 | Espazio aske bat
Lehenik bada Donibane Garaziko zitadelako harresi atetik, harri gorrizko karrikari beheiti kabalkadak egiten duen jauste hori. "Herensugea" dantzan. Aspaldiko partez eguzki agertu zen eta diridiratzenago baizik ez zituen Bolant eta Xaindien arropa xuri, xingola hori eta urdinak, papar urrekara eta panpak. Xilintxen klixki-klaska behin baino gehiagotan halakoen lekuko izan diren Arradoiko harriz egin eraikin zaharren artean. Eta buruko bi zaldi horiek: zaldi gotor, ile ilun bezain biziko eta ederrak; haien trosta harri gainean. Kabalkadaren gibeleko beste puntan, zirtzilak, marrumaka, ondotik etorriko denaren iragartzen. Herensugearen buztan herrestaria bazterren inarrosteko prestatzen ari.
Igande goiz eguzkitsu eta goxoa zen, aurtengo Zaldun Ihaute eguna, joan den otsailaren 26a, Baxenabarreko hiri nagusian. Kabalkadak, merkatu estaliko plaza hartzen du urratsean eta ikuslea hurbiltzen da nagiki. Laster, osatu da zirkulua, jokorako espazio iduriz naturala. Sartu da lehen zirtzila eta zart! lehen begi kolpean hor da antzerki irudia. Berehala, irria eta ikuslearen irudimena dantzan jartzen duena. Ilezko jaka luze bat, palmak zangoetan eta sudurraren egiteko galtzerdi bat zintzilik. Pirinioetako Desmana, sator sudur luzea sartu zaigu eta gaian gara. "Euskal mendiaz" Eskualdeko Natur Parke bat egin nahi dute, turismoa garatzeko. Sator sudur luze umeak bere lehen urratsak egiten ditu alhapideetan eta hara non, erdiz erdi heldu zaizkion urrats handiz lasterka bi trailer edo mendi lasterkari, animaliatxoa lehertzear baitute. Irudi gutxitan, dena errana da. Galtzerdi bat, palmak eta zirtzilaren gorpuzte jokoa, herri arte-drama horren magia piztua da, horren gose zen ikuslearen gozamenerako. Odin Teatreteko zuzendari Eugenio Barbak bere antzezlan baten aurkezpenean Jerzy Grotowski eta Ludwik Flaszenekin urteak lehenago eraman lanaz hala zioen: "Ikuslearekin eskuzabalak ziren ikuskizunak ziren, formetan aberatsak, ideiaz joriak, erotismo batekin, ahots eta gorputzen edertasun handiarekin: antzerki pobre bat". Antzerki pobrea edo pobre antzerkia, funtsean, deus gutirekin baina barne metafora landua duen jokalariaren hats eta indarrean apustu egiten duen artedrama, Antton Lukuk hobetsi hitza berriz hartuz.
Argazkia: Maia Iribarne.
Tokiko ala zabalago, gai orotarik bazuten aurtengo Garaziko zirtzilen sei joko zatiek. Elizako sexu abusuak; Mauleko abere hiltegia; mediku batzuek emazteen bularreko minbiziaren aurkako egunentzat muntatu komunikazio kanpaina guztiz patriarkala; eskola publikoko bizpahiru buraso jakobinok euskarazko murgiltze ereduaren aurka azpiz muntatu jukutria; jokoan ari diren zirtzilek berek osatu Garaziko gaztetxeko gazteak, eguna ostatuko terrazan iragaten, den mendreneko xede bat agertu orduko hasi gabe nekatuak direnak: autoderisioa.
"Bakearen artixotak" ere ekarri zituzten joko eremu erdira. Orburuaren frantsesezko hitza, artisau hitzarekin jokoan aritzeko paradaz baliaturik. Txetx, estrategia guztia pentsatua zuena, operazio guztiaren manatzaile lanetan; Bea-k "deus ez daki! deus ez daki!". "Berhoko", barnealdeko laborari herrikoi, sindikatu, fededuna, egin lanaren ordainez Euskal Elkargo berrian EHLGrentzat leku eske. Autoderisioa, hor ere.
Argazkia: Maia Iribarne.
Arte-drama horren indarra horretan da, ere: guhaurren buruaz irri egiteko ematen digun paradan. Urteak ekarri gertakarien aitzinean denek azpi-entzun dutena baina erran gabe utzi, hor, jokoan gorpuztuz, irrirako eta antzerkirako langai paregabea da.
Garaziko Libertimendua zirtzil eskola bezala ikus daiteke. Aurtengo zirtzil taldeak bazuen krepautetik behar zena, espazioaren kudeatzeko gaitasuna, jokorako hats handia, antzerki irudi parrasta, ikusleari kausitzeko gorputz eta ahots indarra. Hitz batez: mitxa.
Ausarta zen eta freskagarria. Denek, adostasunik handienean ildo beretik joan behar dugula iduri lukeen garai hauetan, ahots kitzikatzaile baten atzematea neke da. Libertimendua hats hartzeko leku horietarik bat da izpiritu kritikoa kilikatzea laketa zaionarentzat. Bere buruaz irri egiteko gai izan nahi duen jendarte baten aldarria. Parte hartzailea, formatzailea da gainera: umeak egin baititu Garazikoak. Amikuzen lehen, Baigorrin, Baionan... Makeako kabalkadak ere bazukeen eskola horretarik zerbaixka edanik.
Beti sortzeko mamia dakarren ore herrikoia da libertimendua. Ez, ez da euskal super-produkzio bat; bai, inperfekzioz osatua da; bai, "antzerki pobrea" da. Baina, freskoa da! Libertimendu jarraitzaile bilakatu denak ez ote du hor kausitzen belusezko jarlekuz egin kultura kutxetan hautematen ez duen freskotasuna? | news |
argia-2df288015f00 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/hori-bizitza-guztia-hemen-eta-ez-du-euskara-ikasi.html | Hori bizitza guztia hemen eta ez du euskara ikasi | Ruben Sanchez Bakaikoa | 2017-03-12 | Hori bizitza guztia hemen eta ez du euskara ikasi
Ez dut gogoan esaldi hori neuk bota izana, baina maiz entzun dut eta buruaz igorleari arrazoia emango nion batzuetan ziurrena. Zenbat denbora eta euskara-ikasle potentzial galdu dugu euskaldunok era horretako esaldietan? Eta ze gutxitan aldarrikatu dugun –benetan nahi bagenuen erdaldun horrek euskara ikas zezan– harentzat euskalduntzea debalde izatea.
Batzuetan uste dugu munduko gauzarik normalena dela pertsona bat gure herri gutxitu/ukatu/asimilatu/txiki/berde/zahar/arrautzailera iristea eta 2-3 urte euskara ikasten ematea milaka euro ordainduta.
Berriki Dani Alvarezek Aizu aldizkarian zioen euskaldunok asmatu beharko genukeela erantzun on bat galdera honentzat: ingelesa adibidez bidaiatzeko, lana lortzeko eta abar, erakargarria bada, zertarako behar da euskara ikasi?
Hori bizitza guztia hemen eta ez du euskara ikasi" diote batzuek batere enpatiarik gabe, "horrengana" (euskarazko) jarrera abegikor batekin hurbildu gabe. Eta kontrara inoiz ez da esaten "hori bizitza guztia hemen eta ez da alfabetatu", izan ere, beste "hori" etxekoa da eta ulertu ere ulertzen dugu bere sasoian eskola erdaraz zela, eta horregatik irakurtzen/idazten duela erdaraz. Eta honek arnasguneetara darama nire gogoa.
Arnasguneei buruz zerbait entzuten dudanean normalean ez zait gustatzen. Ematen du biosferako babesguneak direla. Izan ere, ekosistema horietan berez ez dago arazorik, arazoak kanpotik datoz, kanpo-mehatxuak jasaten dituztelako, eta babestu behar ditugu. Tamalez, inkesta soziolinguistikoek diote arnasguneetan euskarak atzera egin duela, eta orduan migrazio-arrazoiak azaltzen dira. Neuk ez dakit badiren, baina bada barne-arazorik arnasguneetan (ere). 30 bat urteko gazte euskaldun batek euskaraz ia ezer irakurtzen ez duenean, adibidez.
Euskara batuak ez duenez molatzen , ez dute euskaraz nobelak, Berria edo ARGIA irakurtzen, holakoetarako badute erdara batu moloia . Eta euskara kultur-zientzia-pentsamendu hizkuntza ez denez, ez dute beharrik sentitzen zinema/telebista/internet euskaraz izan daitezen aldarrikatzeko. Nik nire itogunean eta beraiek beren arnasgunean berdin kontsumitzen ditugu pantaila handiko filmak edo gustatzen zaizkigun serieak. Erdaraz noski.
Euskotarrismoak badu asko itxurakeriatik eta gurasokeriatik, haserretzen eta kezkatzen gara gure umeak erdaraz entzuten ditugunean, telefono mugikorra eskutik askatzen ez duen gurasoak bere umeei hori egin ez dezaten eskatzen dienean bezala
Baina euskotarrismoak baduenez asko itxurakeriatik eta gurasokeriatik, haserretzen eta kezkatzen gara gure umeak erdaraz entzuten ditugunean, telefono mugikorra eskutik askatzen ez duen gurasoak bere umeei hori egin ez dezaten eskatzen dienean bezala.
Euskalgintza ere euskotarrismo horrek kutsatu/elikatu/subenzionatu/politizatu/despolitizatu zuenez, gaur egun jakitun gara duela 35 bat urteko euskara-politika instituzional zein "herrikoiek" eman dutena baino askoz gehiago ez dutela emango, baina ez dakigu zer egin. Baditugu aisialdirako mila elkarte, ehunka euskaltegi, itzulpen zerbitzu, euskara-teknikari, etab. guztiz beharrezko bai, baina ez nahikoak.
Euskara –gaztelania eta frantsesa bezala– heldu guztientzat debalde izan gabe ezin da normalizatu. Halaber, ume guztiei euskara ikasteko eskubidea bermatu behar zaie. Instituzioek lagundu behar dute euskaraz bizitzea errazago izan dadin zerbitzu eta hedabide publiko zein pribatuetan, liburu, aldizkari eta filmen sorkuntzan eta itzulpenean. Hori dena, ordea, alferrik izango da euskaldunek Egia eredutik jo eta euskara kultur-zientzia-pentsamendu hizkuntzatzat hartu ezean.
Orduan euskara ikasi eta erabiltzeko motibo erakargarriagoak izango dira. | news |
argia-886f4379e0c0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/grabatzea-ez-da-delitua.html | Grabatzea ez da delitua | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2017-03-12 | Grabatzea ez da delitua
Polizia grabatzeko deia egin ez digute ba oraingoan... Bulegoren batean imajinatzen dut dagoeneko norbait: "ARGIAko hauek konfliktibo xamarrak dira, eta noski, gero laguntzak jasotzean kexatu egingo dira". Tira, oraingoan ez dira ARGIAkoak bakarrik, tartean dira Topatu, Ahotsa.info, Hala Bedi eta Ekinklik hedabideak eta Eleak/Libre mugimenduarekin elkarlanean. ' Grabatzea ez da delitua ' bideo erreportaje sorta hasiak dira publikatzen.
Bidea estutzen ari dira nazioartean bezala gure bazterretan gune publikoetan gertatzen dena eta funtzionario publikoen jarduera libreki kontatzerako orduan. Mozal Legea tamalez ezagunegi zaigu dagoeneko, eta zalantzan jarri da herritarrok bezala kazetariok jarduera horiek grabatu edo horien berri emateko dugun eskubidea. Oinarri horretatik abiatutako bideo erreportajeak dira hilabete honetan Grabatzea ez da delitua izenaren azpian ikusi ahal izango ditugunak.
Donostiako Bulebarreko "kazetaria naizela! Kazetaria naizela!" oihuak ditut gogoan, Gazte Topaguneko ekitaldi publiko bateko irudiak argitaratzeagatik Audientzia Nazionalera bisitan joan behar izan zuen laguna ere bai, polizia gehiago grabatzekotan Mozal Legea aplikatuko zietenaren abisua jaso zuten kazetarien kasua ezin ahaztu, edo zenbait txiotan polizia operazio bateko irudiak plazaratzeagatik epaituko duten kidea ere badatorkit burura. Kolpeak. Isunak. Zergatik eta kalean gertatzen denaren edo poliziak egiten duenaren berri emateagatik. Beldurraren estrategia funtsean.
Ikus-entzunezko bildumatxoa beldurrari aurre egiteko elkarlanean oinarritzen da, eta helburu garbia du: gaiaz hitz egitea, eta herritar edo kazetari bezala ditugun eskubideak bezala legeak honen aurrean jartzen dizkigun mugak ezagutzea; inork zalantzarik izan ez dezan kamera pizteko eta kazetariok gure lana askatasunez egiteko. Lau erreportajeetatik bi argitaratu dira, eta datozen bi astelehenetan publikatuko dira besteak, gaiaren ertz ezberdinak landuz. | news |
argia-9289bb8fa0fa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/hobe-nuela-ezkondu.html | Hobe nuela ezkondu | Itxaro Borda | 2017-03-12 | Hobe nuela ezkondu
Gurasoek lehen, gaur egun bezala funtsean Amama filma aintzat hartzen baldin badugu, sortzen zitzaizkien haur bakoitzaren destinoa zedarritzen zuten: bata etxeko zen, neska ala mutila izan, bestea elizarako, gainerakoak armadan sartzera eta lurralde urrunetan edo auzoan finkatzera deituak ziren. Gaur aipatuko dugun euskalduna fraide bilakatzekoa zen baina bidean xedeak aldatu zitzaizkion: amodioaren indarra!
Bertsioen arabera Txiki txikitik edo Gazte gaztetik hitzekin abiatzen den kantuaren hitzak, XX. mende hasmentan bildu zituen Azkuek Baztanen, Euskal Kantutegi Herrikoia osatuz. Miguel Esteban Gortariren ahotik jaso zuen melodia. 1940ko urteetan zehar, Aita Donostiak ere Azkaineko Putxuko baserriko Agustin Lakarrari bertso sarkor pare bat entzun zizkion.
Kopla eder eta alaitsu hauetan mintzo den mutikoa adinaren florian igorri zuten etxekoek Salamancara apez edo fraide ikasketak burutzera, hala baitzuten nonbratu edo erabaki, menturaz familia kontseilu baten ondotik. Euskal Herritik, Baztan edo Xareta eskualdeetatik, Salamancarainoko errepidea luzea zitekeen. Imajinatzen ahal ditugu gazte zainartak saldoan, bidean kantari, zirtolari eta bertsolari. Kezka gehiegirik gabe alabaina.
Gazte gaztetik aitak ta amak
fraile ninduten nonbratu
bai eta ere estudiora
Salamancara bialdu.
Euskal Herriko apez eta fraide askok puntako teologia ikasketak egiten zituzten Espainiako Gaztela eta Leon eskualdeko hiriburuan. Orain ere, Duero ibaiak zeharkatzen duen lekua distiratsua da. Erromatarren denboran garatu zen Salamanca eta fama handikoa bihurtu 1218an, Leongo Alfonso IX.ak Salamancako Estudio Orokorra bataiaturiko unibertsitatea sortu zuenean. Ikasketa humanistak egiten ziren bertan, Erasmoren filosofiaren ildotik. Kanta batek euskaldunak ere hara zuzentzen zirela erakusten digu, baina etengabeko zidor horretan zernahi gerta zitekeen:
Salamancara nindoalarik
bidean nuen pentsatu
estudiante tunante baino
hobe nuela ezkondu.
Erdi Arotik gaur arte estudianteek besta egitea maite dute. Musika banda edo taldeetan ibiltzen ziren, "tunante" hitzak gainera gaztelaniaz iruzurgile pikaro ideia bat dakarrela. Ikasleak ez ziren prestuak, isilak, umilak, serioak, alderantziz baino. Beste euskaldun handi batek halaber galtza zolak higatu zituen Salamancako unibertsitateko jargietan: Urdazubiko Pedro de Azpilkueta, alias Axular, hura baizik ez aipatzeko.
Ostatu xume polit batean
gosez gelditu bainintzen
neska xarmant bat ari zitzaidan
mahainean zerbitzatzen.
Liburu sakratuetako iruditegia erabiltzen du paradisua amestu ondoan, begirada soilaz infernura kondenatua izan denak. Infernua, purgatorioa eta paradisua kontzeptuak XIV. mendean finkatu ziren Benedikto XII.a Aita Sainduaren manuz eta Dante handiaren idatziz
Ez zitzaion Axularri (1556-1664) autofikzioa bertsotan harilkatzen duen gure pertsonaiari bezalakorik gertatu. Ez zen bideko ostatu xume batean aterpetu eta ez zituen ikasketak abandonatu begi ezti pare batengatik. Urdazubiko Agustinoen komentuko teologia kurtsoak sakondu zituen, are gehiago Salamancako Harpean deabruarekin tratua izenpetuz, odola zeriola, sineste herrikoia aintzat hartzen baldin badugu bederen. Handia baitzen Euskal Herriko Fausto berezi honen jakintza, jendeen fantasma guztien iturri. Cervantesek ere aipatu zuen La Cueva de Salamanca horren magia.
Sarako erretoreak 1643an euskarazko literaturaren xendra indartuko zuen, Gero gogoeta bilduma plazaratu zuela Bordeleko Etxauz apezpikuaren baimenarekin. Irakurtzen denean oraindik ere, plazer ironikoz beti, XVI. mendeko erudizioaren neurria ageri da euskararen aniztasun bizitore lizunaz gain. Pentsatzekoa da saratarrak loriatzen zitezkeela igandeetako predikuak entzuten, adibide distiratsuak, erreferentzia kultuak, latinetik eta greziarretik itzuli oharrak bata bestearen atzetik isurtzean intsentsu usain artean.
Deabruarekin tratua egin baina ez zituen dastatu bertsolaria zoratu zuten gorputz traka eta era liluragarriak.
Begia kartsu, ezpaina lore,
enekin aise mintzatzen
aingeru hori ordu berean
ene bihotz barnean zen.
Antza denez estudiantea berehala maitemindu zen tabernako zerbitzariaz. Neska ederraren irudia ematen digu hitz zehatzetan. Alegera, irri argi eta poz naturalaren jabe imajinatzen dugu. Bertso hauek arinak dira, baikorrak, atseginez troxatuak, abesteko eta memorizatzeko errazak. Bere etorkizunari uko egiten zion gazteak, gazura gazta baino lehen saldu zuen: harentzat soak gurutzatu orduko bikotea osatua zen, neskak bere ikusmoldea eman beharrik gabe.
Hitz erdi batez maite nuela
erran nion belarrira
baina, gaixoa, herabetua
ihes joan zen kanpora!
Gizon gazteak amodioa salatu zionean, horrela banpez, elkar ezagutzearen zero gradutik abiatuz, andere xarmanta izutu zen, Axularren behialako deabru zitala ikusi bailuen. Badakigu jagoitik ez dela zaila norbaiti maitasunaren aitortzea, gero direla arazoak sortzen eta garatzen. Eta gerotik gerora ibiltzean galtzen dugun denboraz poesia, bertso, ipuin eta nobela sarkorrak ekoiztu dira.
Amodioaren eta zalantzaren arteko jokoaren buruan Baztan, Urdazubi edo Sara aldeko fraidegaiak egundoko zaflakoa bildu zuen: neska beldurtu eta ihesi joan zen amainatzaile ausarta ahoa bete hortz abandonatuz:
Ez ahal nauzu, izar ederra,
kondenatzen infernura!
Ez da sekula ene gogotik
histuko zure itxura.
Neskaren ezezko lotsatiaren aitzinean mutilari oinarrizko sinesteetara itzultzeko aukera baizik ez zitzaion gelditu: aita jainkoa edo jaun zerukoa hor daude bihotz hautsien gozatzeko. San Pedro giltzariaren lekuan ikusten du bere burua:
Aita jainkoak egin banindu
zeruetako giltzari
orduantxe bai jakinen nuen
atea nori ireki.
1250eko Letrango Kontzilioak marrazturiko familiaren osaketa teologikoaren eredua sartua zen jendeetan: gizon bat (Josef), emazte bat (Maria) eta haur bat (Jesus), hori zen garai haietako sendia. Modeloak gaur arte iraun du
Liburu sakratuetako iruditegia erabiltzen du hemen paradisua amestu ondoan, begirada soilaz infernura kondenatua izan denak. Infernua, purgatorioa eta paradisua kontzeptuak XIV. mendean finkatu ziren Benedikto XII.a Aita Sainduaren manuz eta Dante handiaren idatziz. Teologia ikastera zihoan euskaldunak heriotik lekorako aro ezberdinen banaketa zein zen bazekien, hala nola ziren predikuak entzuten zituzten herritar gehienak.
XVII. gizaldian Euskal Herrian, oro barneratuak zituzten Erdi Aro berantiarreko agerpen horiek, beste leku askotan bezala errotu abade etxe anitzetan ikasten zuten etxeko jaunen semeek. Erasmo eta Akinoko Tomasek gainera dispositibo horretan finkatua zuten bizidunaren lekua. 1250eko Letrango Kontzilioak marrazturiko familiaren osaketa teologikoaren eredua sartua zen jendeetan: gizon bat (Josef), emazte bat (Maria) eta haur bat (Jesus), hori zen garai haietako sendia. Modeloak gaur arte iraun du, 2013an sexu bereko ezkontza eztabaidatu zenean Euskal Herrian bertan kalapita ozenak hazteraino.
Estudiante tunante izateko xedea bidean utzi zuen gazteak argi zeukan halatan zeruko ateak nori eta zein ordenetan zabalduko zizkion:
Lehenengo aitari, gero amari
gero anai-arrebari,
ta azken orduan isil-isilik
nire maite politari.
Ez zuen familiaren funtsa sakrifikatuko hala ere bihotza sekretuan inarrosten zion ostatu polit hartako zerbitzari herabeari lehentasuna emateko. Paradisuaren saria zen.
Talde eta txaranga askok eskaintzen duten arren, Amaia Zubiriak eta Txomin Artolak Folk-Lore-Sorta-1 diskoan egin zuten abesti horren bertsio eder bat, akordeoiak bozak zurkaizten zituela eta hitzen mamiak dakarren alegrantzia zuku guztia ateratzea lortuz. 1991n plazaratu zuten Elkar etxean. Ez da atzo bezperakoa. Ohartzen gara ez duela zimur bakar bat ere hartu.
Aditzen duenari, bizitzeko poza oparitzen dio kantak, bai eta ahoak eman ahala hitzak hitzen ondotik bihikatzen dabilenari. Amek haurrei xuxurlatzen diete, maiteek elkarri, bakartuek beraien buruei etsipena uxatuz.
Mutikoak neskaren ihesarekin kolpea jasan zuen baina aitzina jarraitzea zegokion. Salamancara apeztzeko. Edo aurkituko zuen aurreneko hirira, han bere egunerokoa errotzeko, elizetatik urrun eta balizko amodio iturriei hurbil. | news |
argia-a5faf82f86ea | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/nekazaritza-ekologikoa-munduan.html | Pauso txikiak, baina aurrera | Garazi Zabaleta | 2017-03-12 | Pauso txikiak, baina aurrera
Munduan nekazaritza ekologikoa hazten doala, horixe da Nurembergeko (Alemania) BioFach 2017 azokan argitara eman dituzten estatistiken ondorio nagusia. Nekazaritza Organikorako Ikerketa Institutuak (FiBL) eta IFOAM elkarteak urtero ateratzen duten Nekazaritza Ekologikoaren Mundua ikerketa otsailaren 15ean aurkeztu zuten.
Nekazaritza ekologikoaren errekor berria
Azken urteetako hazkunde joerak jarraitu egin du 2015ean ikerketaren arabera, eta produktu ekologikoen eskaria ez ezik, eskaintzak ere gora egin du. Nekazaritza ekologikoko 50,9 milioi lur hektarea erregistratu zituzten mundu osoan, eta merkatu ekologikoaren hazkundea 80.000 milioi dolarretaraino iritsi zen. Esanguratsuak dira datuok, 1999koekin alderatzen baditugu: 11 milioi lur hektarea zeuden garai hartan ekoizpen ekologikoan, eta 17.900 milioi dolarreko mugimendu ekonomikoak. Hamasei urtetan, beraz, hazkundea nabarmena izan da.
Txostenaren arabera, 2015ean 179 herrialdek zituzten martxan jarduera ekologikoak (aurreko ikerketako 172 herrialderen aldean), eta 2,4 milioi nekazarik ziharduten ekoizpen ekologikoan lanean. Hala ere, eta emaitzen alde positiboari garrantzia kendu gabe, aipagarria da munduko nekazaritza lur guztien %1,1 soilik zirela ekoizpen ekologikokoak. Oraindik egiteko asko dagoenaren seinale.
Inguruko herrialdeetan ere antzeko mugimendua
Espainiako eta Frantziako estatuetako emaitzetan ere islatu da nekazaritza ekologikoaren goranzko joera hori. Espainiako Nekazaritza Ministerioak ateratako datuen arabera, 2015ean ia 2 milioi hektarea hartzen zituzten ekoizpen ekologikoko lurrek estatu osoan. Europako herrialdeen artean lehen postuan zegoen, eta mundu mailako laugarrenean. Frantziako lurren kasuan, 1,4 milioi hektarea ziren ekoizpen ekologikokoak. Produktu ekologikoen kontsumoaz hitz egitean, ordea, datuak bestelakoak dira: etxeetan kontsumitutako elikagaien %2,5 ekologikoak ziren 2014an Frantzian, eta Espainiako kontsumoaren %1,5a. | news |
argia-f9f83afd76e9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/simona-levi-kontrakarrean.html | "Sarea da etorkizuneko aktibismo eta demokraziarako bidea" | Saioa Baleztena | 2017-03-12 | "Sarea da etorkizuneko aktibismo eta demokraziarako bidea"
Aktibista, antzerki zuzendaria, antzerkigilea, ikertzailea eta kultura sendatzailea eta kudeatzailea da Simona Levi (Turin, 1966). Azken hamarkadetan Bartzelonatik aritu da kultura librearen, demokrazia digitalaren alde eta Espainiako Estatuaren ustelkeriaren kontra. Xnet eta 15MpaRato ekimenen sortzailea.
Italiarra zara baina 1990etik Bartzelona duzu bizitoki. Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?
Barkatuko didazu, baina dagoeneko ez naiz italiarra. Berlusconiren hogei urteko monolaborantzak herria suntsitu zuen eta ezingo da berreskuratu. Turingoa naiz eta haurtzaroa baino nerabezaroa oso gogorra izan zen han. Fiaten itxierak testuinguru beltza ekarri zuen; esango nuke Bilbok ere bizi izan zuela Turinen antzeko egoera. Toki askotan gertatu zen, hiri industrialak behera joan ziren, enpresetako kaleratze masiboak eteteko antolatzen genituen agerraldiek ez zuten ezertarako balio, eta hori gutxi balitz, heroina gizartearen erraietan sartu zen… Nik frantsesa ikasia nuen eta 18 urte bete bezain agudo Frantziara joan nintzen.
Frantziatik Kataluniara. Zergatik aukeratu zenuen Bartzelona?
Italian aktibista izatea oso gogorra zen. Mafiek eta ustelkeriak ez zioten aktibismoari lekurik uzten. Han borrokatu egiten duzu, baina behin eta berriro porrot eginez. Arazo pertsonalak tarteko utzi behar izan nuen Frantzia, eta Bartzelonara etortzea argi izan nuen hasieratik. Hemen borrokak emaitzak ekartzen ditu. Tira, hemengo mugimendu anarkistaz asko irakurri nuen, eta iritsi ahala ikusi nuen hau izango zela nire etxea.
Bartzelonara iritsi eta lau urte geroago sortu zenuen elkarrizketa egiteko proposatu diguzun tokia: Conservas konpainia.
Frantziatik ihes egin nuen nire bikotekideak jipoitu egiten ninduelako. Bartzelonan ez nuen ezer, lagun bakar bat eta aske izateko eta nire proiektu guztiei forma emateko sekulako irrika, hori bai. Ez nuen beste inor ezagutzen eta etxea eta antzezteko tokiak bilatzen ari nintzela, kasualitatez, familiako ondare bat jaso nuen, eta gune hau –Conservas konpainiarena– erostea erabaki nuen. Bi solairu ditu; goian etxebizitza moldatu nuen, eta behean antzerkia egiteko tokia. Zazpi urtez bizi izan nintzen hemen. Gutxika-gutxika jendea ezagutzen joan nintzen eta hainbat ziklo antolatzen. Denborarekin erreferentziazko espazio bilakatu zen.
Artea txikitatik izan duzu bidelagun, eta aktibismoa noiztik?
Oroimena dudanetik, berezkoa dut. Nire familia erabat politizatuta zegoen, eta giro horretan koskortu nintzen. Esate baterako, ni txikitatik ateoa nintzen arren, eskolan erlijio klaseetara joaten nintzen, nire aldarrikapenak ikasgelara eramateko. Gizajoak nire irakasleak!
Itzul gaitezen Bartzelonara. Noiz eta nola sortu zen Xnet?
2006an etxebizitzari buruz egin nuen bideo bat zentsuratu zidaten. Sekulako arrakasta izan zuen eta La Caixak Youtuberi eskatu zion baliorik gabe uzteko. Gertakari hark piztu zidan kultura librearen aldeko borroka egiteko grina. Bizitza aldatu zitzaidan: sarea etorkizuneko aktibismo eta demokraziarako bidea zela argi ikusi nuen. Gogoeta horren ondorioa da Xnet Proiektua gorpuzten lagunduko zidan taldearen bila hasi nintzen. Abiatu genituen ekimenen artean, M15ean bankariak auditatzea proposatu zen, eta Rodrigo Ratoren auzia sekulakoa iruditu zitzaidan. Egutegi bat finkatu eta lanean hasi ginen.
Hainbat ustelkeria auzi azaleratu dituzue, txartel beltzen kasua esaterako. Zein iritzi duzu atera berri den epaiaz?
Sententziak poztu nau baina ez, ordea, badaezpadako espetxeratzerik ez izateak. Argi dago etxe onekoek eskuragarri duten pribilegioa dela. Tira, sententziagatik pozik handiena da garai hartan idatzi nuen egutegia betetzen ari dela: 2014an Ratok prestigioa galduko zuela aurreikusi nuen, eta bete egin zen; eta 2017an kartzela zigorra aurreikusi nuen, eta hori ere bete da. Pozik gaude egiaztatu dugulako borrokatzea merezi duela, eta argitaratu zuen hedabideak gure lana gutxiesteko joera duen arren, gu izan garelako auzi hori kaleratu dugunak.
Epaia beteko da? Urdangarinen sententziak sei urteko kartzela zigorra eman zuen arren libratu egingo da...
Epaia oso tranpatia da. Urdangarinen egun berean atera zen gainontzeko ustelkeriak estaltzeko, eta fiskalak kanpoan utzi zituen guk aurkitu genituen hainbat delitu. Beraz, irekita dago eta baliteke prozesu honen amaieran ere absoluzioa egotea. Egoera onartzen dugu eta lanean jarraituko dugu, azken egunera arte, inposatu nahi duten kontakizuna gizartean zabaltzea ekiditeko.
Partido X alderdiko bigarren izan zinen 2014ko Europako hauteskundeetarako zerrendetan. Nola bizi izan zenuen?
Telebistak sekulako indarra du, eta Podemosek telebistaren babesa zuen bere alde. Estrategia ona izan zen baina kontuz, sekula izan ez duten espazio bat lapurtu dute. Podemoseko inor ez zen M15ean egon; %10 jende ona da, baina gainontzeko guztiak gizarte mugimenduetan begi onez ikusten ez dituzten kideak dira. Tira, gu hauteskunde legean sinesteagatik xaloak izan ginen. Baina oso pozik gaude esperimentuarekin, asko ikasi baikenuen.
Zertan da orain Partido X?
Ez dugu hauteskundeetara berriz aurkezteko asmorik, baina alderdia bizirik dago. Gure erronka da egitura aldaketen eredu izatea. Izan ere, alderdien egiturak politikariak norberekeriara bideratzeko prestatuta daude. Horregatik izan ginen anonimoak zerrenda aurkeztera behartu gintuzten arte. Lanean jarraituko dugu, etorkizuneko demokraziak behar duen eredu hori bizirik mantentzeko. | news |
argia-90b79b57be48 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/isabel-gonzalez-eta-manuel-ruiz-autismoa-du-haien-semeak.html | "Ez dakigu zer gertatuko zaion gure semeari aldamenean ez gaituenean" | E�aut Agirrebengoa Apaolaza | 2017-03-12 | "Ez dakigu zer gertatuko zaion gure semeari aldamenean ez gaituenean"
Isabel Gonzalez eta Manuel Ruiz gara, Bilboko senar-emazte bikote bat. Gure seme Ramonek Asperger sindromea dauka. Autismoa soilik haurren arazo gisa ikusten da maiz, baina haur horiek hazi egiten dira, eta horrekin batera, buruhauste berriak datoz. Gaur egun 40 urte ditu Ramonek, eta asko kezkatzen gaitu bere etorkizunak.
Bost urte zituenerako diagnostikatua zuen autismoa. Zantzu nabariak ez zituen, baina sumatzen genion zerbait. Denboraren joanean, geroz eta nabarmenago ikusten zen bazuela zerbait berezia. Azkenean Asperger sindromea diagnostikatu zioten, baina nahikoa lan izan genuen diagnosi zuzena jasotzeko. Autismoaren fenomenoa apenas ezagutzen zen garai hartan, eta psikiatra batzuek ez zuten behar besteko jakintza.
Autismo Espektroaren Nahasmenduaren barruan, Asperger sindromea da gaitzik arinenetako bat. Ramonek ez du atzerapen intelektualik. Gai da hitz egiteko eta gauzak arrazoitzeko. Alabaina, errealitatea beste begi batzuekin ikusten du, eta zailtasunak ditu egoera jakin batzuetan giza harremanak behar bezala garatzeko. Eskolan, kasurako, oso gaizki pasa zuen. Memoria fotografikoa dauka, eta beste umeek baino lehenago ikasi zuen irakurtzen. Gainera, bere adineko ume batentzat normalak ez ziren gaiez hitz egiten zuen. Hor tentsioak sortu ziren, eta harremana gaiztotzen joan zen.
Azkenean, Lehen Hezkuntzan zela, eskola-jazarpena sufritu zuen. Gainontzeko umeek bazterrean uzten zuten. Esperientzia horrek, normala den bezala, kalte handia eragin zion. Integrazioa oso garesti atera zitzaion gure semeari. Oso polita da halako arazo bat duen umea gainontzekoekin nahastea, baina horretarako egoera kudeatzen dakien profesional bat behar duzu. Bestela, kalteak besterik ez dira eragiten.
Ramonen kasuan, irakasleek ez zuten autismoa zuen ume batekin lan egiteko beharrezko formakuntza. Orduz geroztik aitzinamenduak egin dira alor horretan, eta uste dugu gaur egun autismoa duten umeek aukera gehiago dutela. Hor, azpimarratu beharra dago autismo elkarteek egiten duten lana. Bere garaian Ramon Bilboko elkarte batean aritu zen, eta ondo etorri zitzaion bizitza arrunteko egoeretara ohitzeko.
Gure aburuz, elkarte eta zentro hauetan dago autismoa duen jendearen garapenaren gakoa. Bertan bizitza soziala garatzen laguntzen zaie, eta hori da benetan indartu behar dena. Beste biderik ez dago pertsona hauek gizartean behar bezala integratzeko. Bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako formakuntza eskainiz gero, asko handitu daiteke beren independentzia eta, oro har, bizi kalitatea.
Helburua handitan pertsona independenteak izatea da. Oso tristea baita behin helduak direnean, txoko batean bazter uztea. Orain ataka horretan gaude gu. Oso kezkatuta gaude, ez baitakigu gure semeari zer gertatuko zaion aldamenean ez gaituenean. Etorkizuna ez dugu batere garbi ikusten. Non egongo da? Norekin? Gustura egongo da? Itaun horientzako erantzunik ez dugu aurkitzen.
Instituzioek ez digute alternatibarik eskaintzen. Badirudi erresidentzia batean sartzea dela aukera bakarra, eta guk ez dugu Ramonentzat halakorik nahi, badakigulako ez litzatekeela eroso sentituko. Hori dela-eta, uste dugu erakundeek zabaldu egin beharko luketela alternatiba sorta. Formazio egokia duen jende asko dago; beraz, gauzak behar bezala antolatzea baino ez da behar. Gure ustez, hor dago irtenbidea. | news |
argia-59256aca847e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/duelu-emantzipatua-toplessean.html | Duelu emantzipatua toplessean | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-03-12 | Duelu emantzipatua toplessean
Vaduz (Liechtenstein), 1892ko abuztua. Pauline Metternich printzesa eta Kielmannsegg kondesa elkarren aurka borrokatu ziren, ezpatazko dueluan. Ez zen bi emakumeren aurkako lehen duelua, XVII. mendearen erdialdean Frantzian zegoeneko halakoak aipatzen ziren eta Ingalaterran, mende bat lehenago, 1792an, egin omen zen lehena, Lady Almeria Braddock-en eta Elphinstone anderearen artean, lehenaren adinari buruzko eztabaida konpontzeko.
Eta, hala ere, Vaduzeko hark oihartzun handia izan zuen eta "lehen duelu emantzipatua" esan zioten. Bi lehiakideez gain, horien ordezko eta laguntzaileak emakumeak ziren, baita duelua antolatu eta gidatu zuen Lubinska baroisa ere. Lubinskak berak agindu zien ezpatariei armak astintzen hasi baino lehen gerritik gora biluzteko. Ziurrenik xehetasun horrek erakarri zuen publikoa, emakumeen emantzipazioak baino gehiago.
Lekukoen arabera, duelu-zelaian formalitate guztiak zorrotz bete ziren, ohiko adiskidetze saiakera eta ondorengo errefusatzea barne. Bi damek borrokari ekin zioten eta, atzera-aurrera ibili ondoren, printzesaren mugimendu bortitz batek kondesa sudurretik odoletan utzi zuen (dueluaren irabazlearen berri iritsi ez zaigun arren, Pauline Metternichek behar luke garaile izan, arerioari odola isurarazi zion lehena izan baitzen). Eragindako kalteak hunkituta, Metternich printzesak ezpata askatu zuen eta eskuak aurpegira eraman zituen. Une hori baliatu zuen Kielmannseggek oldartu eta printzesari eskuineko besaurrean ebakia egiteko. Odola ikusita bien ordezkoak zorabiatu omen ziren. Inguruan zeuden gizonezko zaldizain eta lekaioei agindu zieten distantzia jakin batera geratzeko eta dueluari ez begiratzeko. Baina emakumeen aieneak entzunda, haiengana hurbildu ziren laguntza emateko prest. Lubinska baroisari iruditu zitzaion gizonezko mirabeek bestelako intentzioak zituztela eta aterkiarekin eraso zien, "ez begiratu, ez begiratu, zerri lizun halakoak!".
Emakume haiek ez zituzten bularrak erakutsi inoren begirada erakartzeko. Ezta haien soineko garestiak ez zikintzeko edo urratzeko ere. Garai hartan emakume medikuak ez ziren ohikoak, baina Lubinskak sendagile titulua zeukan eta, horrez gain, gudu-zelaietan zauritutakoak artatzen esperientzia ere bai. Ehun arrastoek zaurietan infekzio arriskua areagotzen zuela ederki zekien eta lehiakideen osasuna zaintzeko agindu zuen neurria.
Beraz, arrazoi ona zuten gerritik gorako arropak kentzeko. Ez hain ona duelua bera deitzeko: dirudienez, antolatzen ari ziren musika emanaldi baterako lore-apaindurek eragin zuten bi emakumeon arteko desadostasuna. | news |
argia-89dcd82479f2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/fukushima-6-fini-dira-kalteordainak-itzuli-zure-herrira-dena-ok-dago.html | Fukushima + 6: fini dira kalteordainak, itzuli zure herrira, dena OK dago | Pello Zubiria Kamino | 2017-03-12 | Fukushima + 6: fini dira kalteordainak, itzuli zure herrira, dena OK dago
Apirilaren 1etik aurrera Fukushima inguruko herri gehienetako biztanleei kenduko zaie derrigorrez ebakuatzeko agindua. Esan nahi ote du arriskua amaitu zaiela? Ez: galduko dituzte ebakuatzeagatiko diru-laguntzak eta Estatuak lagatako etxoletan bizitzeko eskubideak, kutsatutako auzoetara itzuli nahi ez badute beraien borondatez izango da. Horrela normalizatzen da istripu nuklear baten biharamuna.
Sei urte geroago, Tokioko agintariek erabaki dute Fukushima Daiichiko zentralaren istripuak hurbilen harrapatutako jendeek nahikoa laguntza jaso dutela. Estatua ez dago dirua alferrik galtzeko: lau erreaktoreek oraindik isurtzen duten erradioaktibitatea ezin kontrolatuz jarraitzen dute, TEPCO konpainia kiebra zorian, istripuaren faktura gero eta astunago... Martxoa amaitutakoan, nola bizi behar dute 2011n Fukushima inguruetatik ebakuatzera derrigortutako jendeek?
Japoniako agintariek erabaki dute urtean 20 miliSiervert (mS/u) arteko kutsadura gauza eramangarria dela. Bide batez esanda, Europar Batasuna Euratom arautegiarekin basakeria bera onartzear da, baina apenas entzuten den inoren kexarik Europan. Fukushima inguruak berriro bizitzeko moduko eremu izendaturik, herritarrek ez daukate aitzakiarik etxera ez itzultzeko. Horien dramari jarraipena egiten dio Nos Voisins Lointains 3.11 [Urrutiko gure bizilagunak] blogak, Kurumi Sugitak frantsesera itzultzen dituela Fukushima inguruetako herritarrek japonieraz sarean argitaratutako lekukotasunak.
Esaterako, Saki Okawara andreak urtarrilaren 16an Facebookeko bere orrian kontatu du nolaz eraman dituen Kawauchi herrira 200 puntuzko arropa eskuz eginak Tokiotik boluntario batzuek bidali dizkiotenak hondamendiak kolpatutako jendeen elkartasunez. Kontatzen du ere Kawauchin ebakuazio agindua 2012an ezabatu zuela bertako alkateak. Ondorioz, abuztu hartan bukatu ziren derrigorrezko ebakuazioagatiko kalte-ordainetako batzuk. Baina legez arazorik ez egoteak ez zuen esan nahi benetan ez zegoenik: hilabete gutxiren buruan Kawauchitik ihesi Koriyaman aterpetutako herritarren elkarteko buruak internetez laguntza eske larria zabaldu zuen, 2013ko negua gainditzeko jendeak falta zituela arroza eta janzkiak bezalako oinarrizko gauzak. Horrela ezagutu zituen Okawara andreak Kawauchiko jendeak.
"Ebakuatzeko agindua indargabetzen denean, etxola probisionaletan bizi den jendeak galtzen ditu horiek pagatzeko dirulaguntzak, legearen arabera derrigortuta ez baina nahi dutelako bizi baitira herritik urrun. Benetan ebakuatuak izan arren, legez bilakatzen dira jishu hinansha , 'auto-ebakuatuak'". Orain horiek ere harrapatuko ditu Fukushima departamenduko agintariek etxola probisionalentzako diru-laguntzak eteteak.
Etxola probisionaletan bizi diren kawauchitarren lehendakari Atsushi Shidak Facebooken kontatu duena ere itzuli dute Nos Voisins Lointains 3.11 en. Dio Shidak auzo probisionalotan bizi diren jendeen %90ek bertan segitu nahi duela. Zertarako itzuli sorterrira han ez bada inor eta ezer gelditu?
Jende gazteak alde egin zuen istripuaren ondotik, nork nahiko du familia eremu kutsatu batean haztea? Zaharretatik ere, ahal zutenak urrutiko hirietara joan dira seme-alaben ondoan bizitzera. Behin-behineko etxolotan geratu dira 80 eta 90 urtez gorako jendeak, bakarrak bezala bikoteak, asko larriki gaixotu edo ahulduak, soinez ez bada burutik. "Etxola probisionalotan bizitzea –dio Shidak– gero eta gogorragoa zaigu hemen gaudenoi baina are zailagoa litzateke hemendik kanpo bizimodua berriro antolatu beharra. Ziurrenik apiriletik aurrera are gehiago murriztuko dizkigute zerbitzuak. Hemen bizitzea zahar etxe batean bizitzea da baina laguntzaile profesionalik gabe".
Boluntarioak atomoen bila
Oraindik 100.000tik gora dira Fukushimako hondamendi nuklearragatik urrundutako herritarrak. Horietako askok galduko dituzte laguntzak martxoa bukatzearekin. "Guk –idatzi du Kawauchitik ebakuatuen buruzagiak– sei urteotan ikasi dugu ebakuazioa oraindik asko luza daitekeela eta ingurumenaren kutsadura urte askoz luzatuko dela, mendeetan iraungo duela".
Txanponaren beste aurpegian daude derrigor etxeratutako jendeak, erradioaktibitatez kutsatutako inguruan bizitzera behartuak. Txernobyl inguruetako biztanleek 30 urteotan bizi duten tragedia dastatzen dute orain Fukushimakoek: nolaz biziraun duela urte gutxi arte ezin onartuzkoak ziruditen erradioaktibitate kopuruen artean?
Auzolanean, berriro. Pierre Fetet zientzialari eta lider antinuklear zaharrak bere Fukushima blogean kontatu du nola bolondres talde bat bildu den Minamisoma herrian eta inguruetan lurzoruan bezala airean dagoen erradioaktibitatea neurtzeko. Taldean gazteagoak ere badiren arren, gehienak erretretan sartutako jendez osatuta dago Fukushima Monitoring Project . Zaharrek beren gain hartu dute lana gazteak bezain sentiberak ez direlako erradioaktibitatearekiko.
Yoichi Ozawa ingeniaria buru dutela, kale, etxe, eraikuntza, baratze eta ahal duten guztietako irradiazio kopuruak neurtuz doaz, hark erakutsirik nola egin eta dokumentatu neurketak, eskuetan hartuta laborategietan usatzen diren neurgailuak: Hitachi Aloka TCS172B, Hitachi Aloka TGS146B eta Canberra NaI Scintillation Detector. Airea kontrolatzeko 75x100 metroko eremuetan sailkatzen dute ingurua eta lurzorukoa dokumentatzeko 375x500 metroko guneetan. Lurretik 1,50 eta 100 zentimetrotara egiten dituzte neurketak.
Independentzia osoa dute, inolako lobbyk ez die aldarazten emaitza eta metodo oso zorrotzez ari dira, publikoki erakusten duten protokolo zientifikoa jarraituz. Erradiazio kontuetan mundu mailako erreferentzia den Pierre Fetetek dionez "erakunde ofizialek eredutzat hartu beharko lukete talde honen lan egiteko modua".
Ozawa eta bere erretretadun boluntario jendeak alerta jotzaileak dira osorik, hedabide nagusiek eta agintariek ezkutatuak gizarteari jakinarazten dizkieten jendeak, mundu osoko herritarrok babestu beharko genituzkeenak. Fetetek dioen moduan, "beren mapekin ohartarazten dituzte bertako jendeak: 'Erne ibili! Lege kontraesankorrak daude Japonian eta agintariek esandakoa, alegia 20 mSv/u hartzeak ez dakarrela ondoriorik osasunean, ez da derrigor egia. Etxera baldin bazatozte, irradiazioak eta kutsadurak jasan beharko dituzue'. Frantzia erremedio bera ari da prestatzen, 2013/59/Euratom zuzentaraua nazioko lege ere bihurtuz; horrela hemen ere 100 mSv/u izango da muga larrialdi une batean eta 20 mSv/u ondorengo 12 hilabeteetan (eta ondoko urteetan, ezerk ez baitu bermatzen maila hori gero jaitsiko dutenik). Eta dosi horiek denei aplikatzen zaizkie, izan bularreko haur, ume edo emakume haurdun!".
Diruak neurtzen espezialista den Nikkei konpainiak argitaratu du orain arte Fukushima 167.000 milioi euro kostatu dela. Ez ditu denak kontabilizatu. | news |
argia-fda1c8898acb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/lehen-ala-azken-geltokia.html | Lehen ala azken geltokia | Jakes Bortairu | 2017-03-12 | Lehen ala azken geltokia
2017ko urtea mugarri gisa geldituko da Ipar Euskal Herriko historian, haren ezagupen politikoaren lehen urratsa lortua izan baita. Denek ez badute aitortzen ere, nehork ezin du ukatu jendarteko sektore zabalek bere egin duten aldarrikapen horren gauzatzea abertzaletasunaren garaipena ere dela. Haatik, batzuek espero dute urrats esanguratsu honek abertzaletasunaren ilunabarra ekarriko duela Ipar Euskal Herrian. Ukapena eta mespretxua bazterturik, abertzaletasunak (euskal burujabetza eraikitzeko proiektu gisa ulerturik, frantses eta espainol estatuetatik askatuz) ez luke gehiago funtsezko justifikaziorik, ez eta ondorioz, etorkizun handirik ere. Lurralde ezagupenak askatasun gosea aseko luke, eta beraz, Bidasoatik iparraldean franko berant garatu zen abertzaletasuna, mugarri bezala geldituko litzateke historian.
Iraganean abertzaletasunaren pizgarria zapalkuntza eta ukapenaren kontzientzia hartzea izan zen (beste herrialde askotan gertatu bezala). Ondorioz abiatutako erresistentziek eta herri mobilizazioek, ekintza armatuak barne, jasan zituzten mespretxuak eta errepresioak haserrea eta elkartasun olatuak sortu zituzten, abertzaletasunaren hedapena elikatuz. Gaur egun, mekanismo horiek desagertzen ari dira. Iparraldeak nolabaiteko existentzia politikoa badu. Euskara hizkuntza ofiziala izatetik urrun bagara ere, erakunde publikoetan nola edo halako hizkuntza politikak abiatu dira, lehenengo fruituak ekarriz. Preso eta iheslarien arazoak konpondu gabe irauten badu ere, borroka armatua desagertu da. Eboluzio politiko horiek jendartean dagoen euskal kontzientzia kolektiboak (Euskal Herriarekiko atxikimendua, populu berezi baten partaide sentitu eta nahi izatea) indartzen eta hedatzen segituko dutela duda handirik ez da. Besterik da proiektu abertzalearekiko atxikimendua. Lehena bigarrenaren elikagai inportanta bada (ez bakarra haatik), ez du mekanikoki ekartzen. Bihar-etzi zerk elikatuko du burujabetza gogoa? Abertzaletasuna ez ote da instituzioen kudeaketan mugatu eta galduko? Historian zehar hainbat alditan gertatu bezala, ez dira gutxiestekoak instituzioetan parte hartzeak dituen joera eta arriskuak: mugimenduen energiaren xurgatzea eta ahalmen eraldatzailearen indargabetzea. Ez ote da notabilismo berri batean instalatuko, soilik klase politikoaren berritze eta modernizatze etapa bat markatuz? "Euskal bidea" Iparraldean karrika itsu bilakatzeko arriskua badea? Euskal Elkargo berriak ekartzen dituen epe motz eta ertaineko desafio eta erronka garrantzitsuekin batera Iparraldeko abertzaleek epe luzeagoko bide orria marrazten hasteko badute zer pentsa eta zer egin. | news |
argia-373e56558bdd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/animalia-errepublikazaleak.html | Animalia errepublikazaleak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-03-12 | Animalia errepublikazaleak
Animaliek hildako errege-erreginen zerrenda Egipton gogoz betetzen hasi ziren: lehen faraoia, Narmer, hipopotamo batek aurretik eramanda hil zen K.a. 3000 urte inguruan, Sexto Julio Afrikano historialariaren arabera; haren ondorengo Aha faraoia ere hipopotamoak ehizatzen ari zela hil zuen ugaztun horietako batek.
Kleopatra erreginak bere burua hil zuen, baina teknikoki animalia bat, aspisa, erabili zuen horretarako. Gertuago, VIII. mendean Asturiasen ez zegoen hipopotamorik ez aspisik, baina bai nahi adina hartz; horietako batek Favila erregea hil zuen. Eta berrikiago, Alexander I.a Greziakoa (argazkian) jauregiko lorategietan zeukan tximu batek kosk eginda zendu zen 1920an. | news |
argia-b948d0530f53 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/tortotx-garbia.html | Tortotx garbia | Jakoba Errekondo | 2017-03-12 | Tortotx garbia
Estimatzeko intentzio osoarekin sagardo botila bat ireki, edalontzia sudurrera hurreratu eta botila itxita izan duen tortotxaren usaina hartzea, horixe infernua!
Tortotxa deabruetara eramateraino usain desatsegina eransten dion osagaiak TCA du izena (2,4,6-trikloroanisol), ia beti. Naturala da berez, eta uretan, kafean, fruituetan, barazkietan, zurean eta lurrean bertan ere aurki daiteke.
Portugal da munduko artelazki esportatzaile handiena, eta hangoa da kortxo egile
handiena ere: Amorim. Edariari usainik utziko ez dion tortotxa patentatu du enpresak. (Arg.: SustMeme)
Tortotxa edo kortxoa tortotxondoaren edo artelatzaren ( Quercus suber ) azala da, ez alferretan zuhaitzari kortxondo eta kortxo-haritza ere deitzen zaio. Portugal da munduko artelazki esportatzaile handiena; datua argigarria da: bere esportazio guztien %1,2 artelazkia da. Horrek bere kulturako paisaiako zuhaitz adierazgarrienetako bat zaintzea dakar. Santa Maria de Lamas herrian dago artelazkiaren bihotza. Han dago azal horren ikasteko eta ikertzeko gunerik ezagunena: Cincork; baita artelazkia lantzen duen munduko enpresarik handiena ere: Amorim. Hain zuzen, Amorimek garatu eta patentatu du makina baten ametsa: edariari kortxo-usainik erantsiko ez dion kortxoa. Erresuma Batuko Cambridgeko enpresa batekin uztarrian, zehaztasun handiko kromatografia teknika aurreratu eta batez ere azkar bat sortu dute: kortxo bakoitza banaka-banaka aztertzen da segundo gutxi batzuetan, eta kirats arrasto ttikiena duena bazterrera.
Sagardoari kortxoaren kiratsa eransten dion TCA hori ez antzemateko moduko muga sinestezina jarri dio bere buruari etxe horrek: 0,5 nanogramo litroko, hau da, trilioitik bat, 800 piszina olinpikotan ttantta bat, alegia. Lehenaz gain, Amorim hori izango da berriz ere kalitatezko edarien botilaratzaileen besoetakoa.
Berezko sagardo bereziak sortzeko joera berpizten ari den honetan, zurezko barrikak bueltan datozen era berean, ea baten batek kortxo hauek sartzen dituen, sagardoaren usainaren eta gustuaren mesedetan. | news |
argia-2fecfcf4aba4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/gure-gerren-polifonia-bizia.html | Gure gerren polifonia bizia | Amaia Serrano Mariezkurrena | 2017-03-12 | Gure gerren polifonia bizia
Joan Mari Irigoienek 80ko hamarkadaren hasieran argitaratutako obra honek 1995eko edizio berrituari esker izan du oihartzuna, batik bat. Alta, hemen jatorrizkoari helduko diogu, idatzaldi haren testuinguruak (Trantsizioaren hasiera eta euskal eleberrigintza modernoaren tradizio laburra) eta egiten duen proposamen literario ausartak merezi dutela iruditzen zaigulako.
Karlismotik Trantsizioaren hasiera arteko euskaldunen memoria kolektiboaren narrazioa egiten da obra honetan. Hala ere, ez da ohiko kontaketa historiko-kronologikoa, errealismo hutsetik harago, surrealismotik, errealismo magikotik eta abarretatik edaten baitu. Garai historiko bakoitza teknika narratibo baten bidez irudikatzen du, hainbat testu literariori (batez ere mexikar literaturari) eta erlijiosori eginiko keinuez eta mundu sinboliko joriaz horniturik.
Mundu-ikuskera oso ezberdina duten pertsonaiez josia da obra. Hasierako sinpletasuna eta dualismoa, konplexutasun eta aberastasun bilakatuz doaz. Badago epistemologia platonikoari heltzen dion pertsonaiarik, baina bada egia eta errealitatea hautemateko ezintasuna agerian uzten duenik ere. Ideologia politikoei dagokienez, karlismo garaiko pertsonaiak, liberal nahiz karlista, oso markatuak dira. Haatik, bitasun hori II. Errepublikan zehar urtzen hasten da, posizio politiko ugari loratu eta anarkistak edo sozialistak agertzeraino. 1936ko Gerraren ondoren belaunaldi galduaren eta konprometituaren arteko tentsioetan jartzen du fokua. Lehenak, jarauntsi politikoa saihesteko, euskalduntasunik gabe heziak dira; aldiz, bigarrenek konpromiso pisua sentitzen dute. Bien mugek eta zamek bizitza bera zalantzan jartzera daramatzate, azkenean eztanda egiten duen arte.
Pertsonaiek sortzen duten narrazio koralaz gain, denboraren kontzeptualizazioa da eleberriaren gakoetako bat. Denbora eternala, etena, ziklikoa edo kronologikoa izan daiteke, eta batetik besterako jauziek erakusten dute hasierako poemak iradokitzen duena: denbora ez da soilik erlojuak markatzen duena.
Ildo horri jarraitzen dio eleberriaren egitura ziklikoak, bai gerrak bata bestearen atzetik kontatzen direlako, bai sarrera eta amaiera hildakoen ahotsek harilkatzen dutelako, Trantsizioaren historia aldatzen duen mendeku poetiko batekin, gainera.
Nobela mardula, sendoa eta erreferentziaz betea da, pasarte antologikoak dituena eta euskaldunon gatazken pitzadurak azaleratzen dituena; alabaina, teknika batzuk errepikatzen ditu, eta errealitatearen ikuspegi poliedrikoa besarkatzeko saiakeran luze jotzen du. Lan anbiziotsuegia akaso, baina, euskal eleberriaren historian esanguratsua, joera literario berrien ildoetatik eraikia. | news |
argia-a30b2f8a9454 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/multinazionalen-interesak-zaletuen-gainetik.html | Multinazionalen interesak zaletuen gainetik | Xuban Zubiria | 2017-03-12 | Multinazionalen interesak zaletuen gainetik
Kaleratze behartu baten istorioa da Italiako AC Reggiana futbol taldeak bizitakoa. Europan herritar eta zaletuen autogestiotik eraikitako futbol zelai bakanetakoa 2013an Mapei multinazionalaren esku geratu zen. Eraikuntzaren burbuilaren leherketa eta kudeaketa txarra baliatu zituen Giorgio Squinzi enpresariak herriarena zena bereganatzeko.
Futbol zelai erosi berrian Mapeik ezarri nahi dituen aldaketen aurka kalera atera dira Italia Iparraldeko Reggio Emilia herriko biztanleak. US Sassuolo futbol taldea ere multinazionalarena da eta Reggiora eramatea erabaki zuten. Hartara, egun zelai berean jokatzen dute bi taldeek. Azken asteetan giroa nabarmen okertu da multinazionalak Reggianaren sinbolo eta kolore granatea harmailetatik ezabatzeko asmoa adierazi ostean.
Reggio Emiliako Udalaren eskaerei entzungor eginez, estadioaren kanpoaldeko paretetako kolore granatea eta sinbologia kendu ostean, futbol zelaiaren barnealdeko adierazpen granaterik txikienak ere ezabatu egingo dituela adierazi du Giorgio Squinzi jabeak eta leku horietan multinazionalaren publizitatea ezartzeko eskubide osoa duela nabarmendu du. US Sassuolo hauspotu eta AC Reggiana zokoratu beste asmorik ez duen erabaki baten aurrean daudela salatu dute Reggianaren zaletuek.
AC Reggiana autogestiotik desjabetzara
1993. urtean AC Reggiana-k lehen mailara igotzeko promozioa irabazi zuen. Garaipen hark hauspotu zuen futbol zelai berri bat eraikitzeko nahia. Elkartearen helburua zen futbol zelaia, erakunde edo kapital handien eskuetatik at, modu autonomoan eraikitzea. Autogestioa oinarri, eskualdeko enpresa txiki, abonatu eta zaletuen diru ekarpenekin, 1995. urtean eraiki zuten Stadio Giglio futbol zelaia.
Krisi ekonomikoak eta zuzendaritzak kluba eta futbol zelaia kudeatzeko hartutako erabakiek AC Reggianaren bideragarritasun ekonomikoa kinka larrian jarri zuten. Taldearen egoera iraultzeko saiakerek porrot egin zuten eta futbol taldea desagertu egin zen. Auzolanean eraikitako futbol zelaia hiriko epaitegiaren esku geratu zen.
Urte batzuk geroago epaitegiek festadioa enkante publikora eraman zuten. Enkante publikoak hartu zuen dimentsioaren jakitun Reggianak uko egin zion parte hartzeari eta Italiako enpresa handi eta multinazionalek hartu zuten parte. Taldearen identitatea errespetatzearen truke eta futbol zelaia goitik behera aldatuko zuen inbertsio plan bat aurkeztu ostean, 2013an Giorgio Squinzik zuzentzen duen Mapei multinazionalak irabazi zuen enkantea. 15 urteren buruan autogestioren oinarrietan eraikitako futbol zelaia Italiako enpresa indartsuenetako batek erosi zuen.
Cittá del Tricolore estadioaren (epaitegiak izena aldatu zion) erosketa, Squinzik futbolaren munduan eginiko bigarren transakzio handia izan zen. Urte batzuk lehenago Modena probintziako Sassuolo hiriko US Sassuolo klub xumea erosi zuen enpresariak. Sassuoloko taldearekin egin duen moduan, Reggianako futbol zelaiaren aktibitatea goitik behera aldatu nahi du Mapeik izaerari edo identitateri erreparatu gabe.
Reggianako zelatuen protesta: " Oggi giochiamo anche noi " (gaur geuk ere jokatzen dugu).
US Sassuolo Reggio Emiliara
Reggioko zelaia 2013an Sassuoloren etxe bihurtu zenetik, han herriko taldeak ere jokatzen duela ezkutatzen saiatu da multinazional italiarra. Inork espero ez zuenean eta Reggianari zein Udalari emandako hitza jan ostean, ekarri zuen Squinzik Sassuolo Reggiora. Enpresak hitz emandako irabazien izenean Modenako taldeak bere hiria eta zelaia utzi behar izan zituen Reggio Emiliara emigratzeko. Erabaki horren inguruan jarraitzaileek zer esaten duten jakitea interesgarria litzateke.
"Mapei-k bere jabetzak elkartu nahi ditu, horrela irabazi ekonomikoak handituko dituelakoan", zioen " Sassuolo via da Reggio " (Sassuolo Reggiotik kanpora) iniziatibaren antolatzaileetako batek pasaden igandean Gazetta di Reggio egunkarian. Mapeik bere jarduna promozionatzeko leku aproposa bilatu du futbolean. Halere, bere asmoak kolokan jarri nahi dituen zalegoarekin egin du topo Mapeik Reggio Emilian. Mobilizazioak antolatzeaz gain, zaletuek Reggio Emiliako udalari esku har dezan exijitu diote.
Gaur gaurkoz Mapei Stadium izena hartu duen futbol zelaian talde bakarrak jokatzen duela dirudi. 1990ean kapital handietatik urrun eraiki zen futbol zelaia kapitalak berak du azpiratzen. Sassuolok lehen mailan jokatzen du eta Reggianak 2.B mailan. Reggiana eta inplikazioa ala Sassuolo eta irabazi ekonomikoak. Eta erdian desjabetuta dagoen sentimendua. | news |
argia-87b744d3812a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/adingabeak-eta-mugikorrak.html | Internetekoa ez da bizitza birtuala | Jon Torner Zabala | 2017-03-12 | Internetekoa ez da bizitza birtuala
Litekeena da inoiz telebistak saltzen dituzten denda batera sartu eta ume bat ikustea hatza pantailaren gainean irristatzen, belaunaldi berriek teknologiarekin duten harremanaren erakusgarri. Koxkortzen doazen heinean, arriskuak etengabe errepikatzera mugatzen gara askotan helduok, kontziente izan gabe adin txikikoen identitate digitala eraikitzeko prozesuan gure jardunak zuzeneko eragina duela. Interneten zu zeu izaten jarraitzen duzula barneratzea, funtsezkoa.
Urruñako (Lapurdi) San Frantses Xabier ikastetxean Hamar egun pantailarik gabe erronkari helduko diote maiatzaren 9tik 18ra bitartean, bi helburu nagusirekin, Lehen Mailako irakasle Eneko Jorajuriak azaldu digun moduan: bortizkeriaren banalizazioaz ohartaraztea batetik, eta pantailari begira behar baino denbora gehiago emateak eskolako errendimenduan eragin negatiboa duela azaleratzea bestetik.
"Kolpeak, irainak, hitz larriak… banalizatuak direla ikusten dugu, ez soilik helduen kolegioetan, baita Lehen Mailan ere, 11 urtez azpiko umeen artean", kontatu digu Jorajuriak. Bortizkeriak presentzia handia du telebistan, marrazki bizidunetan eta gazteei zuzendutako filmetan ere bai, eta horrek ekar dezake indarkeria dagokion tamainan ez neurtzea, ikasleek distantziarik ez hartzea, sarri ez dutelako bortizkeria gisa errekonozitzen. "YouTubeko hainbat bideorekin berdin; umore modu berria da haientzat". Dioenez, geroz eta lehenago erosten dizkiegu mugikorrak umeei, eta zaila da kontrolatzea uneoro zer egiten duten. Gauez ohe ondoan uzten dituzte, eta goizeko ordu txikietan elkarri mezuak igortzen dizkiote, hirugarren bati buruz hitz egiten aritzen dira… Horrek guztiak eragina du harremanetan".
Halaber, gosaltzeko tenorean edo oheratu baino lehen pantailari begira egoteak atentzio anitz eskatzen diela esan digu, ez duela laguntzen burmuina pausatzen, eta arreta gutxiagorekin doazela eskolara. Edupax.org webgunean jaso daiteke Hamar egun pantailarik gabe egitasmoari buruzko informazioa. Eskolaz kanpoko gailuak direnez ahal bezain gutxi erabili beharrekoak, gurasoen parte-hartze aktiboa ezinbestekoa izango da, eta zonaldeko eragileak ere inplikatuko dituzte, "sobera" geratuko zaien denbora hainbat elkarteren jarduna ezagutzeko baliatuko baitute ikasleek.
Ez da errealitate paraleloa
"Batez beste, neska-mutilak Jaunartzean hasten dira lehendabiziko mugikorrak eskatzen, 9-10 urte dituztenean. Smartphone bat nahi dute gainera, gutxiagorekin ez dira konforme", esan digu Larraitz Zeberiok, 7 eta 10 urteko bi mutikoren amak. Goiena komunikazio taldeak Arrasaten (Gipuzkoa) duen egoitzan elkarrizketatu dugu, Itziar Larrañagarekin batera. Guraso.eus proiektuko kideak dira biak, Goienak eta Txatxilipurdi aisialdi elkarteak kudeatua. "Elgetan bizi gara. Inguruko ume batzuek jada badute mugikorra, baina 12 urte izan arte eurei ez diegula erosiko hitzartu dugu guk", jarraitu du Zeberiok. "Bigarren Hezkuntza hastean jasoko dute, Bergarako eskolara doazenean". Lehendabiziko telefonoa zein adinekin erosi, zenbat denboraz erabiltzen laga, arriskuak nola saihestu edota erabilpena zein punturaino kontrolatu ohiko hizketa-gaiak dira gurasoen artean.
Arriskuez hitz egitean, datu pribatuen eta bereziki argazkien erabilerak sortzen du kezka gehien. "Sare sozialetan-eta, aski da irudi bat zabaltzea betirako agertzeko Interneten", dio Eneko Jorajuriak. "Sarri, gazteek ez dute aski pentsatzen zer partekatzen duten, eta ez dira nahikoa sentsibilizaturik datu guztiak ez direla ezabatzen ahal, edonork ikus ditzakeela". Zentzu berean mintzo da Larraitz Zeberio: "Argi izan behar dugu sare sozialetan zerbait publikatzea dela herriko plazaren erdian bozgorailuekin haizatzea bezala".
Guraso.eus-eko kide Itziar Larrañaga eta Larraitz Zeberio. / JON TORNER
Itziar Larrañagaren hitzetan, arazo nagusietakoa da Internet "errealitate paraleloa" dela barneratzea: "Uste dut hitz horrek kristoren arriskua ahal duela ekarri, pentsarazten dizulako errealitate paraleloa izanik beste identitate bat zeureganatu eta nahi duzuna egin dezakezula, iraindu eta beste, jendeak ez duelakoan deskubrituko nor dagoen pantailaren beste aldean. Bada, argazki edota izen faltsuak erabili arren, ez da oso zaila benetan nor zaren jakitea. Inportantea da jabetzea Interneten zu zeu izaten jarraitzen duzula".
"Teknologia ez da txarra; ematen zaion erabilera da gakoa", dio Larrañagak: "Arriskuak saihesten irakatsi behar diegu adingabeei, txikitatik ikasten duten bezala errepidea ez dela edozein lekutik gurutzatu behar, edo bizikletan kaskoa erabiltzea komeni dela. Eta erakutsi ahal izateko, helduok ere etengabe ikasi behar dugu, teknologien mundua aldakorra baita oso". Prozesu horretan, arriskuak behin eta berriro errepikatzen aritzea baino, eraginkorragoa da sare sozialen eta aplikazio berrien inguruko informazioa pilatu eta erabilpenaren ingurukoez elkarrekin eztabaidatzea. Hedabideetako diskurtso alarmistez kexu dira Guraso.eus webguneko kideak, beldurtu besterik egiten ez dutelako: "Teknologiaren inguruan ezagutza nahikorik ez baldin badaukazu, alarma guztiak piztu eta debekuaren bidea hautatuko duzu. Arriskutsua da hori".
Iritzi berekoak dira Iyuya Urrutia eta Lierni Goya, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak abiatutako "Instant1ean" programako ordezkariak. Nerabeei zuzendutako ekimenak sustatzen dituzte, teknologiekin lotutakoak sarri, herrialdeko udal-gaztelekuetako hezitzaileekin elkarlanean. "Arriskuak aipatu egin behar dira, baina alde positiboak landu nahi ditugu guk, badirudielako gauza oro txarra dela. Gure nahia da gazteei euren identitate digitala modu egokian sortzen laguntzea, iritzi kritikoa bultzatu eta eztabaida prozesua bermatzea, giza eskubideez, pribatutasunaz, sexismoaz eta abar. Gazteak nazkaturik daude zer egin behar duten behin eta berriro entzuteaz".
Gipuzkoako Diputazioaren "Instant1ean" programaren arduradun Lierni Goya eta Iyuya Urrutia. / JON TORNER
Dena den, hezitzaileengandik jasotako zuzeneko lekukotzak oinarri, Urrutiak eta Goyak diote erabilera okerrari buruzko teoria barneraturik daukaten arren, gazteek maiz pentsatzen dutela haien –edo ingurukoen– larruan ez dutela halakorik biziko. "Gerta liteke zenbait portaerari garrantzia kentzea, eta teknologiaren berehalakotasuna medio, konturatzerako arazoa jada erroturik egotea. Batzuetan, sare sozialetan lagun berria egin eta denbora gutxira etxeko helbidea ematen diote. Horrelakoak saihesten ikasi behar dute".
Identitate digitala eraikitzen
Sare sozial eta aplikazio konkretuak erabiltzea modernotasun edo heldutasun ikur izan daiteke, eta haien identitatea eraikitzen ari diren gazteentzat garrantzitsua da hori, Itziar Larrañagak azaldu digunez: "Talde bateko kide direla sentitu nahi dute, onartua izan, eta sare sozialek aukera ematen dute norberaren moduko pertsonak aurkitzeko, etiketen bidez zaletasunak zerrendatuta, esaterako". Dioenez, Facebook "zaharren kontua" bailitzan ikusten dute gaur egungo gazteek. Eta gurasoak han dabiltzanez, eurek beste norabait egiten dute salto, Instagram edo Snapchat-era, gehien erabiltzen dituztenak aipatzearren.
Lierni Goyaren hitzetan, gai konkretuetan erreferente diren pertsonak aurkitzeko erabiltzeaz gain, sare sozialek aukera ematen dute sormena landu eta norbera protagonista bilakatzeko, bideoak grabatu edota Instagramera argazki artistikoak igota, besteak beste. Alegia, haien gustuko zaletasunetatik abiatuta gaitasunak garatu ahal dituzte gazteek, nortasun digitala eraikitzeko prozesuan lagungarri gerta dakiekeena. Urruñako irakasleak ere horri heldu dio: "Teknologia baliagarria da haurrek beren ekoizpenak egin (bideo laburrak, animazioak, soinu grabazioak…) eta aktore gisa pasatzeko pantailaren gibelera. Eguneroko erronkei erantzuteko, lehen urratsa da umeak sortzaile izatea".
Gurasoek bizitza konplikatzen dutenean
Zergatik hitz egiten da hainbeste sare sozialek gazteengan duten arriskuez, eta hain gutxi helduok egiten dugun erabileraz? Gurasook koherenteak al gara gure diskurtsoarekin? Zer nolako herentzia digitala ari gara uzten gure seme-alabei?
Ohikoa baita sare sozialetara gure haurren argazkiak igotzea, jaiotzen diren unetik bertatik, ez bada lehenago ekografiak sareratu ditugula. Seme-alaben biografia grafikoa osatzen goaz egunetik egunera, haien bizitza pribatuari buruzko informazioa (etxebizitza, eskola, lagunak…) zabaltzearekin bat askotan, erabat kontziente izan gabe adinez txikikoen argazkiak publikatzeak ondorio kaltegarriak izan ditzakeela, segurtasunari dagokionez batetik, eta psikologikoak bestetik. Publikatzen ez dena ez dela existitzen uste dugu, eta zakua bete "Atsegin dut" jasotzeak itsutu egiten gaitu batzuetan, are gehiago tartean seme-alabak daudenean.
Itziar Larrañaga, Guraso.eus
ekimeneko kidea: "Guraso-kontrolerako aplikazioak ezartzen ditugunean komeni da seme-alabei azaltzea zergatik egin dugun, mehatxuek edota ezkutuan aritzeak maiz ez baitute fruiturik ematen"
Gurasoentzat dibertigarria den argazkia edo garrantzirik ez duen datua, bestelakoa iruditu dakioke seme-alabari, eta litekeena da etorkizunean inpaktu bat izatea haren lan jardunean, familian edo harreman sozialetan. "Agian, handitzean, adingabeari ez zaio gustatuko jendeak jakitea zein ikastetxetara joaten zen, edo pailazoz mozorrotuta agertzen den umetako argazkiak bere kontra egitea nerabea denean, ikaskideek trufa egiteko balia dezaketelako", dio Kataluniako UOC unibertsitateko psikologo Irene Montielek ( La Vanguardia , 2017-01-21 ): "Sare sozialetan seme-alaben argazkiak erakusteak eragina du haien garapen psikologikoan, euren identitatea garatzen ari diren etapako parte den heinean. Ume horrek, 8-9 urterekin Interneten sartu eta ikusiko du norbaitek jada osatu duela bere identitate digital bat. Litekeena da berak nahi duenarekin bat etortzea, edo ez, eta bere izaera eraikitzeko agian borroka egin beharko du beragatik erabaki duen pertsonak sortutakoaren aurka. Eta, hain justu, bizitza konplikatu diotenak gurasoak dira, bere eskubideak defendatu beharko lituzketen horiek".
"Ni ez nago umeen irudiak publikatzearen aurka, baina tentuz jokatu behar da", esan digu Guraso.eus-eko Itziar Larrañagak: "Nortzuk dira zure ustezko lagunak, 20 ala 500? Sare sozialetan argazkiak publikatu baino lehen pribatutasun arauak irakurtzea eta mugak jartzea komeni da. Berdin WhatsApparekin. Argazkia nire lagunei soilik bidali ahal diet, baina auskalo gero haiek euren kontaktuen artean zabalduko duten ala ez". Argi ibili, diote adituek, litekeena baita dauzkazun 500 lagun horien artean bakarren bat hain laguna ez izatea.
"Gurasoen jarrera batzuk inkoherenteak dira haien diskurtsoarekin", onartu du Larraitz Zeberiok. "Tentuz ibili beharra dago, umeek gehiago ikasten baitute egiten duzunetik, esandakotik baino". Haiekin gaudenean etengabe WhatsAppari begiratzea, mugikorra eskuetatik kendu eta gu bakean lagatzea komeni zaigunean atzera berriro ematea, sare sozialetan zientoka lagun egin eta orotariko edukia igotzea, kontsolarekin jo eta su aritu eta mugikorra jolaserako erabili ez dezaten eskatzea… Helduok ere badaukagu zer ikasi.
Kontrola vs espioitza
Zeberiok kontatu digu etxean daukaten telebistak Interneterako zuzeneko sarbidea duela. "Egongelan dago, semeek zer ikusten duten hobe kontrolatu dezakegun lekuan". Hitzok bide eman digute adingabeek teknologiaz egiten duten erabilera zein punturaino kontrolatu behar den galdetzeko, kontziente izanik gai arantzatsua dela, zaintzaren eta espioitzaren arteko muga lausoa izan daitekeelako oso. "Gurasoek begiratzen duten bezala seme-alabek euren armairuetan zer gordetzen duten, begiratzen dute zein webgunera sartu diren edota sare sozialetan zenbat lagun egin dituzten, bereziki susmoa hartzen badiote ohiz kanpoko zerbait gertatzen ari dela, umeak eskola-jazarpena sufritzen ari direla-edo", esan digu Larrañagak. Jazarpena aipatu dugunez, parentesitxo bat irekiko dugu bi kontu argitzeko: Batetik, seme-alabak "biktima" izan daitezkeela sinetsita gomendioak eman eta gaiaz hitz egitea positiboa da, baina ahaztu gabe "erasotzaile" edo "konplize" izan daitezkeela, eta zentzu horretan ere komeni dela prebentzio lana egitea. Bestetik, teknologiak dituen alde txarrekin (sufritutako umiliazioak denbora gutxian izan dezakeen zabalpena kasu), badu nabarmendu beharreko ezaugarri positibo bat, Guraso.eus-eko kideak dioen bezala: "Grabatutako bideoei esker jasandakoaren froga bat daukazu; salaketa jartzerakoan baliagarria izan daiteke".
Gazteekin aurrez aurre hitz egitea funtsezkoa dela irizten diote elkarrizketatuek. "Askotan pentsatzen dugu hobe dela mota bateko bideoak ez erakustea, horretara bultzatzen ari garelakoan, baina nire ustez kontrakoa da, ulertaraztea gaizki dagoela; gure laguntzarik gabe ere helduko dira eduki hori ikustera", dio Larrañagak. Era berean, guraso-kontrolerako aplikazioak ezartzen ditugunean komeni da seme-alabei azaltzea zergatik egin dugun, mehatxuek edota ezkutuan aritzeak maiz ez baitute fruiturik ematen.
AVG enpresak hainbat herrialdetan egindako inkestaren arabera, 6 hilabete dituzten haurren %81ak presentzia du Interneten, eta %23ak baita jaio aurretik ere, gurasoek publikatzen dituzten ekografiengatik. Halaber, 2 urtetik beherako umeen %7ak e-posta helbidea du (gurasoek sortua), eta %5ak kontu propioa Facebooken. Horrek guztiak legalki ere izan dezake ondoriorik. Austrian gertatu da, esaterako, 18 urte bete berritan neska batek gurasoak salatu dituela sare sozialetatik bere umetako argazkiak (pixontzian eserita, pardela aldatzen...) kendu ez dituztelako, bere intimitate eskubidea urratu dutelakoan. Frantzian, bestalde, agintariek ohartarazi dute adingabeen argazkiak publikatzeak 45.000 eurora arteko isuna ekar dezakeela, kasu bakoitzaren arabera.
Bestalde, Guraso.eus proiektuko lagunek azaldu digute nahikoa zabaldurik dagoela seme-alabekin akordio batera iritsi eta kontratu moduko bat sinatzea, teknologiaren erabilpenari buruzko arauak eta balizko zigor eta sariak jasoko dituena. "Espioitzan aritu beharrean, hobe da lehenago adostasunera heltzea, umeek argi izan dezaten hitz emandakoa bete ezean zer gerta dakiekeen", esan digu Larrañagak. "Euren iritzia kontuan hartzen dugula ikusiz gero errazagoa da guztia".
Euskaltel konpainiak pasa den Gabonetan aurkeztu zuen "Lehen hitzarmena" kanpainaz gogoratu gara, oinarri gisa zuena teknologiaren erabilera zuzenari buruzko dekalogo moduko bat. "Gurasoen eta seme-alaben arteko akordioa da, lehen mugikorraren erabilera egokia bermatzeko sortua", zioen enpresak: "Etxe askotan sortzen da kezka bera: Zer adin da egokia lehen mugikorra eskuratzeko? Azken ikerketen arabera 10 urtetik beherakoen %10ek badute mugikorra. Hala ere, garrantzitsuena ez da zer adinetan hasten diren, baizik eta zer baliorekin". Balorazio sakonagoetan murgildu gabe, Zeberiok aipatu digu iragarkian agertzen diren umeen adinak apur bat harritu duela, gazteegiak direlakoan –bideoan agertzen diren neska-mutiko batzuek 8 urte dauzkate–. "Aditzera ematen du adin horretan mugikorra izatea erabat normala dela".
Martxa honetan bai, normala izango da. Normala izan beharko duen bezala helduok etengabe egokitzea gailu eta aplikazio berrietara. Erreportajean aritu gara sare sozialen inguruan, bat-bateko mezularitza-zerbitzuez, pribatutasunaz, identitate digitalaz eta abar, baina adingabe eta teknologiaren arteko harremanak adar askoz ere gehiago du, guraso edo hezitzaile gisa bazterrean laga ezin ditugunak: bideo-jokoekiko menpekotasuna, Internet bidezko kirol-apustuak, estereotipo oso markatuak produzitzen dituen pornografiaren kontsumoa… Adarretatik heldu beharreko hamaika adar.
ENTRENATZAILEEK NOLA BEHAR DUTE JOKATU KIROLARIEKIN?
Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren menpeko Kirolaren Euskal Eskola gida bat prestatzen ari da, "adingabekoek osatutako taldeen barruko komunikazioan sare sozialak behar bezala erabil daitezen", arreta berezia jarrita WhatsApp bezalako plataformetan, klubeko arduradun eta jokalarien arteko komunikazioaren oinarrietako bat diren heinean. Bitarteko horiek alde positiboak baitituzte, baina arriskuak ere bai, zenbait irizpide finkatzen ez badira behintzat.
Kirolaren Euskal Eskolako teknikari Joseba Bujanda.
Batez ere entrenatzaileei zuzendutako gomendioak bilduko ditu gida horrek, haiek baitira jokalariekin zuzeneko harremana daukatenak. "12-13 urteko nesken saskibaloi taldea entrenatzen dut Bilbon", azaldu digu Kirolaren Euskal Eskolako teknikari Joseba Bujandak. Ohikoa den moduan WhatsApp taldea sortu zuten, informazioa helarazi eta talde dinamika sortzeko tresna eraginkorra delako, baina erabili ahala zalantzak sortu zaizkio: "Neskekin banaka komunikatzea egokia al da? Euren gurasoekin hitz egin behar al nuke?". Nahiz eta ez duen arazorik sekula izan, kontziente da, adibidez, sexu jazarpenaz mintzo garenean kirol-eremua dela arrisku-guneetako bat. "Gaiaz informazioa bilatzen hasi eta konturatu nintzen entrenatzaile eta jokalarien arteko komunikazioaz ezer gutxi dagoela. Horregatik heldu genion gida plazaratzearen erronkari. Arriskuak nola saihestu azalduko dugu, teknologiaren alde positiboak alboratu gabe: esaterako, hitzorduak adosteko erreminta eraginkorrak dira oso, baita kirola bera sustatu eta zaletasuna txertatzeko ere, entrenatzailearen nahia baita adinez aurrera doazenean gazte horiek saskibaloia ez uztea. Horrela bada, saskiratze ikusgarrien bideoak bidaltzen dizkiet, edota mugimendu zehatzenak, gauza bera egitera animatu daitezen". Maiatzean aurkeztuko dute gida. | news |
argia-15688ab82e5d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/osakidetza-ett-handiena-euskal-herrian.html | Osakidetza, 'ETT' handiena Euskal Herrian | Juan Mari Arregi | 2017-03-12 | Osakidetza, 'ETT' handiena Euskal Herrian
Urkullu, bere gobernua eta bere alderdia egunero ari dira erakusten zer den beraientzat hazkunde ekonomikoa, enplegu sorrera eta ongizate estatua mantentzea. Hortik pentsa dezakegu euren politika ekonomiko eta sozialen filosofia ez dela Rajoyk ezarritakoaren ezberdina. Prekarietatea, behin-behinekotasuna eta desoreka dira haien ezaugarriak.
Joan den astean zutabe honetan azaldu genuen "euskal ongizate estatua". Orain, datu lotsagarri batzuk nabarmenduko ditugu, EAEko enplegu publikoa zein eskasa den erakusteko. Sindikatu baten salaketaren ondorioz, jakin berri dugu Gipuzkoan 53 eta 60 urteko Osakidetzako erizaintzako bi laguntzailek, hurrenez hurren, behin-behineko 215 eta 197 kontratu sinatu dituztela azken lau urteetan. ELAren ustez Osakidetza Euskal Herriko aldi baterako lanerako enpresa handiena da (ETT, gaztelaniazko hizkiz), 14.000 bitarteko langile baititu eta %40ko behin-behinekotasuna. Zenbat behin-behineko kontratu daude Eusko Jaurlaritzako eta foru erakundeetako beste sailetan? Bi langile horiek hainbeste kontratu pilatu badituzte, ez al dira euren lanpostuak beharrezkoak osasun publikoak ongi funtzionatu dezan?
Enpresa pribatuen mesederako ehunka milioi euro bideratzen dituztenek AHT edo estadio publikoen proiektu anti-ekonomiko eta anti-sozialetara, zerga-erreforma justua aurrera eramaten ausartzen ez direnek, ezin dute baliabide ekonomikorik ezaren aitzakia jarri enplegu prekarioa mantentzeko. Esan dezatela garbi: hazkunde ekonomikoa eta zerga-erreforma enplegu prekarioaren bizkar eta patronalaren zerbitzura? Ez Osakidetza eta ez Jaurlaritza ezin litezke ETT bihurtu, baina gaur egun Euskal Herriko handienak dirudite. | news |
argia-821b47e75ada | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/boikot.html | Boikot | June Fern�ndez | 2017-03-12 | Boikot
Badirudi Jorge Cremades ek Bilboko Campos Elíseos antzokian aurkeztuko zuen emanaldia bertan behera uztea lortu dutela hainbat talde feministak. Udalarekin bildu ondoren, antzokiak iragarri du ikuskizunak atzeratuko direla. Argudio ofiziala: "Konpromiso profesionalak". Udalak poza adierazi du, emanaldiak bere berdintasun politikaren kontra egiten duelako.
Cremadesen bideoek estereotipo sexistak elikatzen dituzte eta bortxaketaren kultura sustatzen dute, esaterako mozkortuta dagoen neska batekin apropos ligatzen duelako. El Español egunkarian agertutako elkarrizketa batean hauxe esan zuen: "Gizonek emakumeek baino bortxaketa gehiago pairatzen dute, baina horri buruz ez da hitz egiten". Albiste hori publikatu ondoren, Elxeko Udalak umoregilearen emanaldia bertan behera utzi zuen.
Egoera hau ezaguna da Campos Antzokian. Iaz, Wismichu youtuberren ikuskizuna bertan behera utzi zuten bere umorea iraingarria delako eta antzeko presio kanpaina baten ondorioz.
Nire iritzia? Ba iritzia baino, hamaika zalantza. Alde batetik, testuinguru larri honetan (Espainiako Estatuan lau egunean bost hilketa matxista zenbatu dira) feministen eskaera ulertzen dut. Eta pentsa genezake umoregileak kontratuak galtzen baditu, agian diskurtsoz aldatzera behartuta sentituko dela. Bestetik, ez dezagun ahaztu hain ospetsu bilakatu dela hain zuzen ere umore sexista egiten duelako.
Bai, egia da Cremades eta Wismichuk gaztetxoen artean daukaten eragina eta arrakasta kezkagarria dela. Baina zein da egoera horri aurre egiteko bide eraginkorra? Wismichuren iskanbilaren ondoren, hainbat neskak esan zidaten feministokin oso amorratuta zeudela, gure errua izan zelako euren idoloa ezagutu gabe geratu izana
Bai, egia da Cremades eta Wismichuk gaztetxoen artean daukaten eragina eta arrakasta kezkagarria dela. Baina zein da egoera horri aurre egiteko bide eraginkorra? Wismichuren iskanbilaren ondoren, hainbat neskak esan zidaten feministokin oso amorratuta zeudela, gure errua izan zelako euren idoloa ezagutu gabe geratu izana. Badakit mugimendu feministak erradikala izan behar duela, baina gazteen idoloen kontra pertsonalki egiteko estrategia ez dut oso garbi ikusten. Maluma erregetoi abeslariaren kasuan beste horrenbeste. Nire ustez, Maluma, Cremades eta Wismichu ez dira arazo, sintoma baino, matxismoa gure kulturan eta gazteen artean errotua izatearen hiru adierazle. Euren ahotsak isilarazten baditugu, azaleko adierazpenak besterik ez ditugu isilduko. Nik nahiago dut euren bideoak eta kantak espiritu kritikoa pizteko erabiltzea, zein mezu hedatzen dituzten hausnartzeko eta diskurtso alternatiboak bilatzeko. Cremadesen polemikak bortxaketaren kulturari buruz sentikortzeko balio badu, hori gauza ona da. Baina gogora dezagun bera ez dela ideologo bat, baizik eta mutil koadrila gehienetan entzuten diren txantxak errepikatzen dituen norbait.
Azken kezka bat daukat. Gogoratu Mozal Legea. Gogoratu titiriteroen antzerkia. Gogoratu Guillermo Zapataren dimisioa. Testuinguru honetan ez al dugu tentuz pentsatu behar diskurtso iraingarrien kontra nola egin? Komiko batek "indarkeria matxistaren apologia" egiten duela esatea ez al da "terrorismoaren apologia" kontzeptuaren ildoa jarraitzea? Bai, argi daukat ez dela gauza berbera, "terrorismo matxista" bizi-bizirik dagoelako eta bestea kriminalizazio estrategia delako. Baina nola azaldu hori gazteei? Nork erabakitzen du zein umore den zilegi? Soy una pringada youtuberrak gizon heterosexualek nazka sentiarazten diotela esaten du. Nola azaldu hori ez dela iraingarria?
Charlie Hebdo -ren kontrako atentatuaren testuinguruan Pablo Pérez Navarrok Pikara -n idatzitakoak konbentzitu ninduen: "Adierazpen askatasuna eskubide oso mehea da ez badu biraorako eskubidea onartzen". | news |
argia-dca4a0eb243e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/juan-martin-elexpuru-sos-iruna-veleia-elkarteko-kidea.html | "Irudipena dugu probak, ezkutuan bada ere, eginak daudela eta ez dutela faltsutasunik aurkitu" | Miel Anjel Elustondo | 2017-03-12 | "Irudipena dugu probak, ezkutuan bada ere, eginak daudela eta ez dutela faltsutasunik aurkitu"
Hor da beti Iruña Oka udalerria Arabaren erdi-erdian. Hor da beti Iruña-Veleiako aztarnategi erromatar garaikoa. Hor da beti egiazkoak diren, faltsuak diren, bertan aurkitutako ostraka edo grafitoak. Oinezkoak egia jakin nahi…
Zertan da kontua, auzia, "afera" edo dena delako korapilo bihurria?
Zortzi urte igaro eta gero, joan den ekainean amaitzen zen, legez, auzia instrukzioan edukitzeko epea. Bost urte baino gehiago irekita zeramaten kasuak itxi egin behar ziren. Honek, zazpi urte zeramatzan arren, urte bat gehiago luzatu zen epea. [Aztarnategiaren zuzendari] Eliseo Gilen abokatuak errekurtsoa jarri zuen eta, oraindik orain, epaitegiaren jakinarazpena jaso du, esanez errekurtsoa onartzen dutela, ez zegoela zertan luzatu instrukzioa, justifikaziorik ez zuela, hartu beharra zegoela erabakia. Jakinarazpenak arrazoitzen zuen, hala ere, erabakia ez zela hartu Eliseo Gilen abokatuaren eskariagatik, fiskaltzak egindako akatsagatik baizik, epea pasata gero egin omen zuelako luzatzeko eskaria! Surrealista. Alegia, esan nahi dut laster batean jaso dezakegula ebazpena, edo auskalo noiz. Desesperagarria da. Baliteke gaur esaten dugunak bihar balioa galtzea.
Non da korapiloa?
Zortzi urte eta zerbait daramatza auziak instrukzio-fasean, eta fiskalaren akusaziorik ez dago oraindik. Poliziaren txostena eginda dago –irakurria dugu–, eta han ez da delitu zantzurik batere. Arrastorik ez. Instrukzioaren luzapena guztiz ezohikoa da –Euskal Herrian dugun auzirik zaharrena da–, eta hori, epaileak eta fiskalak zer egin ez dakitelako, ziurrenik. Epaiketa bera akusatzaileen [Arabako Foru Aldundia] kontrako bihur daiteke, trapu zahar asko argira atera daitezke... Epaiketarik egiten ez bada, aldiz, barregarri geratuko dira, zortzi urtean faltsukeria aldarrikatzen ibili eta gero.
Eta zertan da ostraken egiazkotasunaren korapiloa?
Iritzi guztiz kontrajarriak daude horren inguruan. Batetik, Arabako Diputazioaren ekimenez, gehienbat EHUko irakaslez osatutako batzordeak ebatzi zuen ostrakak faltsuak direla. Bestetik, urte hauetan pisu handiko hainbat zientzialarik, atzerritarrak asko, kontrakoa esan dute, hau da, ostrakek benetakoak izateko itxura dutela. Hogei txosten egin dituzte zientzialari horiek. Gehienek ez dute lotura afektiborik Euskal Herriarekin, ez dute batera edo bestera jarduteko presiorik, eta horiek diote ostrakek benetakoak izateko itxura dutela. Edward Harris, Van den Driessche, Rodriguez Colmenero, Luis Silgo, Ulrike Fritz…
"2008tik hona faltsutasunaren aldekoek ez dute ezer idatzi, interneten bazterrak nahasteko ez bada,
izen faltsuak edo ezizenak erabiliz"
Horien ondoan, ordea, ostraka eta grafitoetan ageri diren euskarazko testuak faltsutzat ematen dituzten adituak ditugu. Zenbat buru, hainbat aburu?
Bataren hitza bestearenaren kontra. Baina hor dira txostenak, hor argazkiak, hor aztarnategi ondo dokumentatua –ostraken argazkiak, transkripzioak, iruzkinak…–, eta jendea, berriz, axalekoan geratu da. Hedabideek ere, hasieran, arreta handia eman zioten aurkikuntzari. Alde jardun zuten lehenengo, gero kontra, modu akritikoan. Ondoren, mugimendu nahiko indartsu bat izan da ostraken benetakotasuna defenditu duena: 2009an publikatu nuen nik Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak, Hector Iglesias filologo lapurtarrak 400 orrialdeko txostena idatzia du frantsesez…
Alberto Barandiaranen Veleia afera (2010) beste aldera.
Bai. Eta jendeak ez du zertan batari edo besteari sinetsi. Jendeak egia nahi du, ez besterik, eta gaur egun gauza hauek ebidentzia fisikoen arabera argitu daitezke. 2009an, esaterako, bai Lurmen enpresak eta bai SOS Iruña-Veleiak eskatu zuten Europako arkeometrian espezializatutako zenbait etxek grafitoak aztertzea –aurkeztu zen aurrekontua, ez oso garestia–, baina epaileak ez zuen onartu eta bere horretan dago kontua. Uste dugu astebetean konpon zitekeela auzi hau, eta, neurri batean, baita Europara joan gabe ere.
Ez da filologoen gorabehera, beraz.
Ez filologoena, ez arkeologoena… laborategi espezializatuen garaia da.
Komunitate zientifikoaren kontra ari zarete.
Bai eta ez. Zein duzu komunitate zientifikoa? Joakin Gorrotxategi, Joseba Lakarra eta Isabel Velazquez? Horiek bakarrik? Batzordekideez aparte, ia inor ez da faltsutasunaren alde lerrokatu publikoan. Joan den zortzi urtean nor busti da kontu honetan? Konturatzen zara hamar txosten idatzi zirela –sei, faltsutasunaren alde garbi–, baina horietako bat ere ez dela publikatu? Zergatik ez da publikatu, unibertsitateko irakasleak beren artikuluak aldizkari indexatu eta espezializatuetan publikatzeko irrikan bizi dira! Inork ez du hitzik argitaratu. 2008tik hona faltsutasunaren aldekoek ez dute ezer idatzi, interneten bazterrak nahasteko ez bada, izen faltsuak edo ezizenak erabiliz.
Zer irabaziko dugu, zer galduko, epaileak erabakia, zeinahi dela ere, hartzen duenean?
Ez naiz igarle, ezin esan zer erabakiko duen epaileak. Logikoena litzateke gaia artxibatzea; epailearen esku dago delitua egon den, edo ez, erabakitzea, ez ostrakak benetakoak edo gezurrezkoak diren esatea. Delitu zantzurik ez bada, logikoena litzateke auzia artxibatzea, Arabako Diputazioak piezak liberatzea –berea du eta ondarearen jabetza, jabego intelektuala Lurmenek badu ere, berak aurkitu zituelako–, eta Espainiar Estatutik kanpo dauden laborategi espezializatuen esku uztea. Londresen, Belgikan, Alemanian… prest dira, harremanak izan ditugu.
"Saltsa-maltsa handia izan da, interes mordoa pilatu da, interes ezberdinak, korapiloa estu-estu egin dutenak"
Ez du ematen zerua eskatzen ari zaretenik.
Logika hutsa eskatzen dugu, ez besterik. Irudipena dugu probak, modu ezkutuan bada ere, eginak daudela, eta ez dutela faltsutasun frogarik aurkitu. Hemen egin diren irregulartasunen artean, bat izan da 2008ko azaroaren 19an –E eguna, alegia–, erabakia hartu zen egunean, txosten bakarra zegoela entregatuta: [Joakin] Gorrotxategirena. Gainerako bederatzi txostenak ez zeuden entregatuta, eta batzuk, seguru asko, idatzita ere ez. Txostenok gero etorri ziren, hurrengo egunean, edo astebetera, edo hilabetera. Horixe izan zen lehen irregulartasuna.
Zer esan nahi duzu?
Ebazpenak dio "zientzialariek aho batez" hartu zutela erabakia, baina ez da egia, txosten bakarra zegoen-eta entregatuta ordurako. Beste irregulartasun bat, handia, auzitegiari dagokiona, izan zen piezak kereila jarri zuenaren esku uztea, hau da, diputazioaren esku. Hori sinestezina da! Euren zaintzapean izan dituzte ostrakak, euren gustuko grafologo eta eskuek erabili dituzte piezak, zer egin den, eta zer ez, ez dakigula.
Gure herriko kultur elitearen utzikeria salatu izan duzu inoiz han edo hemen.
Euskal komunitate politiko eta kulturalaren jokaera eskasa. Sinesteak gorabehera, batere ez sakondu nahi izatea dago eta, momentu batean, zentsura ezartzea bestela pentsatzen dutenei. Zentsura hori nabarmena izan da hedabideetan. Gauza asko egin ditugu SOS Iruña-Veleiak, Euskararen Jatorriak, Martin Ttipiak… Elkarretaratzeak, kongresuak, bisita gidatuak, hitzaldiak... eta horietarik ia ezer ez da hedabideetan agertu. Guk bidalitako iritzi-artikuluak publikatzeko ere lanak. Bada hedabideren bat, lau-bost urtean Iruña-Veleia hitza paperean idatzi ez duena. Eta ez dut izenik esango! Kar, kar…
Zentsura?
Zentsura ez bada, latineko damnatio memoriae ote da, bada? Zer da Iruña-Veleia tabu bihurtze hori? Ez dakit hitza zentsura den, edo itzalaldi informatiboa, baina hori hor dago.
Hemendik atzera zer?
Epailearen eskuetan gaude, oraintxe ezin dugu besterik egin, itxaron baino; zarata ateratzeaz aparte, jakina. Kasua artxibatzen badu, indar egin beharko dugu piezok behingoz askatzeko eta dagokien bidea emateko. Epaiketarik bada, berriz, indar egin beharko da alde guztietatik epaiketa justua izan dadin.
Zergatik gertatu da hau?
SOS Iruña-Veleiatik egiten dugun irakurketaren arabera, euskal filologoak izan ziren ostraken egiazkotasunaren kontra agertzen lehenak. Zergatik? Grafitoetan agertzen den euskara eta beraiek irudikatzen duten orain dela bi mila urtekoa, ez datozelako bat zenbait puntutan. Bestalde, EHUk aspaldi bereganatu nahi zuen aztarnategia, zelo ikaragarriak zituen Lurmen enpresa pribatuarekiko. Arrazoi gehiago? Euskalduntze berantiarraren lobbyaren presioa, esanez garai hartan Araban ez zela euskararik egiten, derrigor faltsuak izan behar zirela… Vatikanok ere badirudi muturra sartu duela. Azkenik, politikarien eskuhartze eta erabakiak ditugu. Erabaki hura hartu zenean, EAJkoa zen ahaldun nagusia, EAkoa Kultura diputatua, erabakia proposatu eta sinatu zuena; orain EH Bildukoa da, eta horrela arku politiko guztia blokeatuta geratu zen; hau izan liteke isiltasuna esplikatzeko gakoetakoa bat. Saltsa-maltsa handia izan da, interes mordoa pilatu da, interes ezberdinak, korapiloa estu-estu egin dutenak. | news |
argia-c490c03d33a3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/oj-simpson-auzia-telesailetan.html | AEBetako beltz zurienari buruzko maisulana | Gaizka Izagirre | 2017-03-12 | AEBetako beltz zurienari buruzko maisulana
Azkenaldian telebistarako egin diren ekoizpenen artean zeresan handia eman dute O.J. Simpsonen kasua ardatz duten bi telesailek. Kasu ezaguna AEBetako gizartearen erretratu gordina egiteko baliatu dute.
Gertakari garrantzitsu ugari ematen ari ziren telebistan, baina jendeari bost axola, begirada guztiak AEBetako errepideak zeharkatzen ari zen Ford Bronco zuri batean jarriak baitzeuden. 95 milioi estatubatuar bilakatu ziren ihesaldi etsigarriaren lekuko. Auto horren barruan zihoan tipoa hain zen ezaguna, poliziak borondatez entregatzeko eskatu zion eta nazioarteko telebista kate gehienek ehunka ordu inbertitu zituzten kasuari jarraipena egiteko. Bai, O.J. Simpsonen kasuaz ari naiz eta konkretuki ESPN kateak ekoizturiko O.J.: Made in America telesail dokumental bikainaz.
AEBetako gizartearen azken 50 urteetako kezka ia guztiak biltzen dituen azterketa ikaragarria da O.J.: Made in America
Hasiera batean, O.J.: Made in America k izan behar zuen telesail dokumental bat, zeinak aztertzen zuen azken urteetan AEBetako pertsonaia ezagun eta mediatikoaren ibilbidea, Making a Murderer ekoizpen harrigarriaren uharra jarraituz eta sekulako material mordoa erabiliz. "Hasiera batean" diot, garai hartako amerikar futbol jokalari onenaren bizitzaren errepasoa izan behar zuenak amaitu duelako izaten analisi argigarri eta sakon bat Ipar Amerikan arrazismoaren gai lazgarriari buruz. Eta batez ere, ikerketa ikaragarria, O.J. pertsonaiaren inguruan ziren arazo horiena guztiena.
Bost ataletan, O.J.-ren gorakada ikusteko aukera izango duzue, izar bihurtu zen arte; eta batez ere, izan zuen erorialdi ikaragarriari buruzko errepaso sakona ikustekoa. Nola ikasi zuen gazte afroamerikarrak bere mitoa eraikitzen futbol unibertsitarioan eta profesionalean; irudi hori mugaraino promozionatzen ikasi ere, AEBetako "beltz zuriena" bilakatu zen arte. Eta nola, bere emazte ohiaren hilketaren gauetik aurrera, amets hori betiko suntsitu z(u)en. Hain erreala eta gordina, Hollywooden gidoilari onenaren burutik irtendako istorio baten aurrean zaudetela sentituko duzuen. Dokumentala ez baita epaiketan eta adibide zehatz horretan soilik zentratzen, garai hartako testuinguruan kokatzen gaitu, Ipar Amerikak bizi izan zituen une latzak mahai gainean jartzen ditu, adibide zehatz honekin talkan: aipaturiko arrazismoa, basakeria poliziala, aberastasuna eta pribilegioak, etxeko indarkeria, komunikabideen eboluzioa, erlijioa... Azken finean, O.J.: Made in America bilakatu da gizarte estatubatuarra azken 50 urteetan kezkatu duen ia guztiaren 8 orduko azterketa ikaragarria.
"Mendeko epaiketa" deitu zioten, baina gehiegizkoa zirudien. 20 urte geroago, eta lan hau ikusi ostean, eufemismoa dirudi
Teknikoki aparta, ezin hobea, "gutxirekin asko" filosofia ardatz duena. Handikeriarik gabe eta birsortze konplikaturik txertatu gabe, narrazio nagusia batik bat artxibo irudiek eramaten dute aurrera, baita elkarrizketatuen testigantzek ere –70etik gora jaso dituzte, gertakariak ahalik eta detaile handienarekin dokumentatze aldera–. Irudien bilketa, sailkapena eta egindako muntaia lana ahozabalik geratzeko modukoa da. Lehen bi atalak geldoagoak diren arren, ezinbestekoak iruditu zaizkit, gu ikusle bezala istorioan patxadaz kokatzeko, gure garuna informazio garrantzitsuz bete eta hirugarren ataletik aurrera –epaiketa prozesua hasten den unea–, datu horiekin xehetasun guztiak azken zirrikituraino ulertzeko. 1995 urtean "mendeko epaiketa" zela esaten zutenean gehiegizkoa zirudien. 20 urte geroago eta lan hau ikusi ostean, eufemismoa dirudi.
Gertakari berak ardatz hartuta, American Crime Story telesail bikaina ere estreinatu zuten iaz. Pentsa dezakezue bi ekoizpenak egiazko gertaeratik denboran hain gertu izateak haien aurka jo dezakeela eta ez gaituztela harrituko sorpresa eragin beharko luketen hainbat gertaerak edo datuk. Utikan aurreiritziok. Bietan, O.J. Simpson ia gutxienekoa dela esango nuke, gizakiari eta krimenari buruzko erradiografia apartak baitira, sakontasunean aztertuta gainera. 2017an gertatzen ari dena ikusita, badirudi AEBetako gizarteak oraindik ez duela lezioa ikasi. | news |
argia-0769dc8b8b0f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/ongietorria-eman-diote-getxoko-ibarbengoako-aparkalekua-eraikiko-duen-enpresari.html | "Ongietorria" eman diote Getxoko Ibarbengoako aparkalekua eraikiko duen enpresari | Ainhoa Bretos | 2017-03-01 | "Ongietorria" eman diote Getxoko Ibarbengoako aparkalekua eraikiko duen enpresari
Azaldu dutenez, Getxoko Udalak gutuna bidali die Tosu landa inguruan bizi diren auzokideei, trenbidearekiko paralelo doazen lurrak martxoaren 1erako libratzeko eskatuz. Tosu Betirako plataformak obrak egingo dituen enpresari ongi etorria emateko parodia prestatu du. Hala ere, gaur ez da hondeamakinarik agertu.
"Ongi etorri Mister Florentino" lelopean egin dute parodia. Florentino Perez baita Ibarbengoako aparkalekua eraikiko duen Geocisa enpresako jabea. 8:00etan bildu dira antolatzaileak Getxoko Andra Mari auzoan gosari herrikoia egiteko, eta ondoren, parodiari ekin diote. Trajez eta galaz jantzita, errepide ondoan kokatu dira "Ongi etorri Florentino" pankarta eta bestelako kartelekin. "Zelai berdeak nahi badituzu, joan zaitez Getxoko Golf Klubera" eta "Hippie gutxiago eta porlan gehiago" oihukatu eta Florentino Perezen harrera irudikatu dute, ondorengo bideoan ikus daitekeenez.
11:00 aldera, Algortako tabernetara gerturatu eta parodia egiteko prestatutako komunikatua banatu dute herrian zehar. Bertan irakurri daiteke: "Itxaronaldi jasanezin baten ostean, eta lau hippie ziztrinen traben gainetik, behingoz sartu dira Ibarbengoako parking desiratua egingo duten makinak, eta bazen garaia, zeren eta, auzokideak oraindik konturatu ez diren arren, hainbeste etekin ekonomiko ekarriko die Getxo, Uribe Kosta, €uzkadi eta mundu osoari. Eta hau hasiera baino ez da! Imajina al duzue Andra Mari osoa porlanez estalirik? Ez al zaizkizue buruan sartzen horrek ekarriko dizkigun onura guztiak? Itzela izango da! Eta argi ibili: Parkinga egiten ez badugu, kandelapean azak jaten amaituko dugu. Eta ezetz jakin onena zer den? Bada, auzokide batek ere ezin izango duela ahoa iraki! Azken finean, horretarako bozkatzen dugu EAJ! Zatoz datozen egunetan obrak bisitatzera! Kolosala izango da!"
Gaur ez da makinarik hurbildu Andra Mariko landetara, baina obrak edozein momentutan has daitezkeela iragarri dute auzokideek. Hurrengo egunetan ere, zaintzak egingo dituzte Tosu Betirako plataformako kideek.
Argazkia: Ainhoa Ortega.
Argazkia: Ainhoa Ortega.
Argazkia: Ainhoa Ortega.
Argazkia: Ainhoa Ortega.
Argazkia: Ainhoa Ortega.
Argazkia: Ainhoa Ortega.
Argazkia: Ainhoa Ortega. | news |
argia-73bbe6712b92 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2545/luzaroan-aritzeko-gogoarekin.html | Luzaroan aritzeko gogoarekin | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2017-03-12 | Luzaroan aritzeko gogoarekin
Passepartout Azkoitiko taldeak bost kanta grabatu ditu eta Interneteko Bandcamp plataforman jarri ditu ( passepartout.bandcamp.com ) doan deskargatzeko moduan. Ez da denbora asko taldea sortu zela, urtebete inguru, eta bost kantu hauek grabatu dituzten lehenak dira. Azpeitiko 2Noisy estudioan aritu dira.
Itzi Beitia (teklatuak), Jontxu Ape (baxua), Ruben Lizarralde (gitarra), Tomas Lizarazu (gitarra eta ahotsa) eta Xabi Arrieta (bateria) taldekideek entseatzeko lokalean ordu asko egin dituztela nabari da, kantuak arretaz lantzen, moldaketak egiten eta erritmoak, doinuak eta leloak fintzen.
Kantuetan melodia politak entzun daitezke. Erritmo aldaketak egiten dituzte eta ongi uztartzen dituzte lasaiak diren giroak eta indartsuagoak diren beste batzuk, baina intentsitatea mantendu egiten dute.
Beren kezken eta sentipenen berri jakinarazten dute kantuen bidez: "Atzetik aurrera irakurtzen ditut liburuak, eragozpenak utzirik dauzkat lurperatuta" ( Atzetik aurrera ), "Planeta txiki honetan oinutsik geratu gara sabel-zulo bakoitzean" ( Belatz ), "Guk eraikitzen jarraitu nahi dugu sekula norantza ahaztu gabe" ( Halley 62 ), "Ezinaren besoetan aurkitzen garen hontan ezinaren besoetan izenik ez da behar" ( Oskarbi ); "Bukatu hasi duzun mundua, ez utzi margoak besteen esku, erakutsi didazun guztia nirea balitz maiteko ninduzun" ( Bazterretan zehar ).
Heldu berriak dira, baina luzaroan aritzeko gogoarekin. Taldekideek ongi ulertzen dute elkar, eta argi daukate zer egin nahi duten eta nola. Hori suma daiteke bost kantu hauek entzuterakoan eta beren jendaurreko emanaldi batean egonez gero. Jendaurrean jotzen dutenean grina eta kemen handiarekin aritzen dira, beren kantuak jotzen ederki pasatzen dutela argi ikus daiteke, barruan duten guztia ematen, eta hori guztia transmititu egiten dute. | news |
argia-0d53e5f4b6af | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/jose-mari-ustarroz-idiazabal-jatorrizko-izendapeneko-lehendakaria.html | "Jatorrizko izendapenek ematen duten babesaren aurka egitea, gure betiko bizimoduaren aurka egitea da" | Reyes Ilintxeta | 2016-06-05 | "Jatorrizko izendapenek ematen duten babesaren aurka egitea, gure betiko bizimoduaren aurka egitea da"
Aurten 49. aldiz egingo den Artzain Egunaren antolatzaile nagusia da Ustarroz, hasiera-hasieratik. Honetaz gain Idiazabal Jatorrizko Izendapeneko lehendakaria da. Bizitza osoa darama artzain eta gaztagileen lanaren balioa aldarrikatzen eta ezagutzera ematen, bera artzain izan gabe.
Gerra amaitu zen urtean jaioa zara. Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?
Oso gogorra. Nire aita hemengoa zen, Uhartekoa eta senideetan gazteena, horregatik 12 urterekin etxetik atera behar eta hainbat etxetan morroi hasi zen lanean. Gero, Bilbotik Mirandarako trenbidean lanean ari zela, bagoneta batek harrapatu eta hanka moztu zion. Sendatu zelarik Beasainen zegoen hemengo familia batengana joan eta haiekin bizargin ofizioa ikasi zuen. Herrira itzuli eta alkateak alminte edo aguazil izendatu zuen, baina 36an dena aldatu zen. Uztailaren 18an alkatea, bere semea eta semearen lagun bat eraman zituzten eta oraindik ez dakigu non dauden haien gorpuzkiak. Nire aita ere errepresaliatua izan zen. Oso gaizki pasa zuen. Gerra hasi orduko aguazil-lanik gabe gelditu zen eta bizargin moduan ere oso lan gutxirekin. Jendea ikaratuta zegoen, etxetik atera gabe. Gose ikaragarria pasa zuten. Nik bi anai-arreba izan nituen. Arreba justu-justu ezagutu nuen, baina anaia ez. Biak hil ziren. Amak esaten zuen bezala, "gerrako miseriak eraman zituen". Nire ama pena horrekin joan zen. Eta beldur handiz, gainera, bizi ziren urte haietan. Urte eta erdiz goizeko hirurak arte lorik egin gabe egoten ziren uste zutelako atea jo behar zutela, "orrazia estuago" pasa behar zutela esaten zen eta. Bestalde, aita oso eskertuta zegoen hemen egon ziren legionario guztiak berarengana joaten zirelako bizarra eta ilea moztera. Horiek joandakoan, guk hemen jarraitu genuen gosea pasatzen. Sei urterekin hasi nintzen aitari laguntzen. Miseriak pasa genituen. Hemengo eskola ere penagarri zegoen urte haietan. Maisu onak bidali egiten zituzten eta ez zegoen ezer egiterik.
San Migelera nola iritsi zinen?
11 urte nituela San Migelera joateko aukera sortu zitzaidan. Garai hartan han lanean ari zen nire lehengusina batek esan zigun Don Inozenzio Aierbe kapilauak mutil bat hartu behar zuela eliz-mutil. Gurasoek pentsatu zuten han ongi elikatuko nindutela eta ikasketen aldetik hemen baino hobeki egongo nintzela, beraz hara joan eta zazpi urtez gelditu nintzen. Eskolak hartzen nituen, liburutegi oso ona zegoen, eta denetarik ikasi nuen, baita gazta egiten ere.
Urte horiek pasatutakoan herrira itzuli behar izan nuen, gaixorik zegoen ama zaintzera eta etxetik gertu zegoen lantegi batean hasi nintzen. Han 45 urte egin dut, besterik ez! Torlojugintzako fabrika zen. Arduraduna ere euskalduna zen eta oso ongi moldatzen nintzen. Gero eta gehiago saltzen hasi ginenez, salmenta arduradun izendatu ninduten. Horretan aritu nintzen merkatu nazionalean, baita munduan barna ere.
Artzaintza eta gaztagintza, zaletasuna?
Bai. Guk etxean inoiz ez dugu ez abererik ez lurrik izan, baratzea salbu. San Migelen harreman handia izan genuen artzainekin. Ahal genuen guztietan laguntzen genien eta haiek guri berdin. 1956ko otsailean, adibidez, Uztegiko bi artzain salbatu genituen. Izugarrizko elurtea izan zen eta gau hartan hemen inoiz ezagutu dugun hotzik handiena egin zuen: 25 gradu zero azpitik. Elurrak harrapatuta gelditu ziren artzainak. 16 urte besterik ez nituen eta don Inozenzio, Joxe Zufiaurre Aralarko zaindaria, Felix Etxabarri urdiaindarra eta lauok eskiekin eta erreskate txakurrekin haien bila joan ginen. Gu atera izan ez bagina, akabatuko ziren. Hura izan zen larriena, baina askotan ibili gara jendeari laguntzen mendian.
Nola hasi zineten Artzain Eguna antolatzen orain dela 49 urte?
Penintsula osoan lehenbiziko artzain txakur lehiaketa egin zen Gironan, Ribes de Freser herrian. Hango albaitariak antolatu zuen lehen txapelketa hura, Ingalaterran ikusitako baten antzera. Oñatiko mendigoizale batzuk hura ikusi eta pentsatu zuten egokia izan zitekeela Euskal Herrian egiteko. Handik urtebetera antolatu zuten lehen nazioarteko txapelketa. Oñatiko mendizale horietako asko Aralarrera etortzen ziren eta Uharteko Udalari proposatu zioten Nafarroan ere lehiaketa egitea Oñatiko lehiaketarako eta Durangon Gerediaga elkarteak egiten zuen Euskal Herriko txapelketarako sailkatzeko balioko zuena.
1963an zen egitekoa lehen aldiz, baina bezperan sute ikaragarria izan eta hogei minutuan herriaren laurdena erre zen. Urte batzuk geroago, 1967an, Aralarmendi Elkartea hasi zen artzain txakurren lehiaketa antolatzen. Hasieran pentsatzen genuen jendea bizpahiru urtez etorriko zela eta gero ez zuela jarraituko. Baina kontrakoa gertatu zen.
Zergatik egiten da egun hori?
80ko hamarkadan pentsatu genuen hemengo gaztagileekin zerbait egin behar genuela, laster Europako mugak erori eta toki guztietako gaztak etorriko zirela uste zelako. Garai hartan Nafarroako Gobernuak gaztagileak asko estutzen zituen arauen bidez. Osasun erregistroa eskatzen zieten, eta laguntza edo baliabiderik batere ez. Hori dela eta ikaraturik bizi ziren. Kanpotarrek marketing hobea izango zuten gainera eta hemen ez zutela egiteko ezer izango uste zuten.
Horregatik, ardi esnez eginiko gaztaren balioa aldarrikatzeko lehiaketa egitea erabaki genuen. Lehen urtean Diputazioarengana joan ginen laguntza eske eta kasik mehatxatu egin gintuzten. Eskerrak hemengo alkateak gure alde egin zuen irmoki.
Pentsa zer nolako beldurra zuten gaztagileek, lehiaketa aurreko gauean telefonoz ibili behar izan genuen denak konbentzitzen etortzeko, esanez ez zitzaiela ezer gertatuko. Pentsatzen zuten hona etorri orduko isuna jarriko zietela eta ia-ia kartzelara eramango. Argi ikusi genuen lagundu egin behar geniela, hemengo gaztagintza betiko desagertzea nahi ez bagenuen.
Bigarren urtean ardi latxaren erakusketa egin genuen ideia berarekin: hemengo arrazak babestu kanpokoen aurrean. Poliki-poliki lehiaketa gehiago egin ziren: ardikiena, ardi ile moztaileena… Orain egitarauan, eta plazan, ez da gehiago sartzen!
Eta Idiazabal izendapeneko kontseiluan nola hasi zinen?
Artzain Egunarekin eta gazta txapelketarekin hasi eta hortik harrapatu ninduten Idiazabal Jatorrizko Izendapena abian jartzeko.
80ko hamarkadan erabaki zen jatorrizko izendapen bat, kontseilu erregulatzaile bat egin behar zela artzainei beren lanbidea errazteko. Egia esan, kosta egin zen abian jartzea. Izenaren inguruan ere proposamen desberdinak ziren: Urbasa, Urbia… baina merkatu ikerketa egin eta ikusi zen hemendik kanpo gehien ezagutzen zen izena Idiazabal zela. Toki estrategikoa izanik, bisitari asko pasa da eta han Urbian, Aralarren, Urbasan eta Andian egindako gaztak saldu izan dira aspalditik. Horregatik aukeratu genuen Idiazabal izena. Beraz "Idiazabalgo gazta" gaizki esana dago. Gurea "Idiazabal gazta" da. 1987an abian jarri zen kontseilua.
Jatorrizko Izendapena Europak babestua da. Horrek ez du esan nahi dirua ematen digutenik, baizik eta beste inork ezin duela gure izena erabili.
TTIP Atlantikoz bi aldeetako itunak mehatxu berriak ekartzen ahal dizkie Europako jatorrizko izendapenei. Kezkatuta zaudete?
Bai, hala da, eta babes hori oso beharrezkoa da. Gure gazta ardi latxaren esnez egiten da. Ardi hori hemengoa da eta oso garrantzitsua da bere eragin soziala. Hemen ez dago makro artalderik. Hemen denak ekoizle txikiak dira. Familia edo baserri bakoitzak badu bere artaldetxoa. Horrek esan nahi du Euskal Herri heze osora zabaltzen dela gure marka. Ardi latxa dagoen tokietan daude gure gaztandegiak. Beraz jatorrizko izendapenek ematen duten babesaren aurka egitea, gure betiko bizimoduaren aurka egitea da.
Zenbatekoa da Idiazabal gaztaren ekoizpena?
1.227.000 kilo egin genuen iaz. Tamaina desberdineko 122 gaztagile ditugu. Proportzioan artzain eta gaztagile gehien dauzkagunak gara munduan. Industrializazioaren aldeko joera orokortuaren kontra, gurean gero eta gaztagile txikiagoak ditugu eta gainera jende gaztea sartzen ari da. Aurten, Nafarroan, hiru gaztagile berri gazte sartu dira. Iaz, aurreko urtearekin alderatuta, %8,2 handitu zen ekoizpena eta aurten ere igoera espero dugu.
Non saltzen da gazta?
Euskal Herrian erdia baino gehiago. Gainerakoa Madrilen, Bartzelonan, Katalunian… Harrera ona du, maite dute gure gazta. Esportazioan ere gero eta arrakasta handiagoa du. Etorkizun oneko lana eta jakia da. Gure kontseilua Europako zorrotzenetakoa da eta oso harreman onak ditugu beste kontseiluekin, adibidez Parmesanoarekin.
Merkatuan harrera ona eta sariak ere bai.
Hemen ez dugu behar adina baloratzen. Oraintsu Madrilen izan naiz Gourmet azokan, eta Bartzelonan Alimentaria azokan. Gure artzain batek, Ordiziako Otatza baserriko Joseba Insaustik, han jaso du Penintsula osoko gaztarik onenaren saria Aralarren eginiko gaztarengatik. Gainera, "Euskal Herriko mendiko gazta" bezala aurkeztu zuen Ministerioak. Hori ere garrantzitsua da. Jendeak gero eta gehiago ezagutzen du hemengo gazta eta izugarri estimatzen du. Mantentzen segi behar da.
Aralarko San Migeleko Kofradiako lehendakaria zara.
Don Inozenziorekin oso harreman ona izan nuen, duela 15 urte hil zen arte. Gure kofradia oso zaharra da, X. mendekoa omen, eta XII. mendean 40.000 kide izatera iritsi zen. Historian zehar eraso asko sufritu du. Abderramanek 924an egindako erasoetan, Aralarko elizaren zati handi bat suntsitu zuela uste dute, adibidez. Gero izurri beltza etorri zen, eta geroago Nafarroako konkista, eta horrek ere bere aztarna utzi zion. Gauza jakina da Nafarroako erregeek asko maite zutela Aralar. Historiak dioenez, 1094an eliza berregiten ari zirenean, Petri I.a Nafarroako erregeak harea zakua eraman zuen bizkarrean hartuta, eskaintza egiteko.
Urte luzetan kofradia gainbeheran izan zen, XX. mende hasieran Mariano Arigita, katedraleko txantrea zena, berpizten saiatu zen arte. Ez zuen lortu, baina lekukoa don Inozenziok hartu eta asmoa burutu zuen. Nik lagundu nion estatutuak eguneratzen eta dena abian jartzen. 1999an hasi ginen eta hasieratik lehendakari izendatu ninduten. Egun 1.500 kofradiakide gara.
Don Inozenziori esker hasi zen ETB ikusten Nafarroan duela 30 urte, ezta?
Paz de Ziganda ikastola inguruko batzuk prestatu zuten dena eta baimena eskatu zioten Aralarren antena jartzeko eta berak baietz esan zuen berehala. Erabaki oso ausarta izan zen. Bere bizia hainbat aldiz jarri zuen arriskuan isil-isilik herri honen alde borrokatzen, eta behin ere ez ziren sartu berarekin. Zerbait berezia zuen gizon horrek.
Erretaulako esmalteek ere beren historia dute.
Esmalteak munduko onenak dira, baina inork ezingo lituzke saldu oso ikertuta eta oso ongi katalogatuta daudelako. 1979an Erik belgikarrak lapurtu zituen, baina gaizki atera zitzaion Interpolen esku utzi zutelako afera eta segituan harrapatu zuten.
Ia mila urte dira erretaula han dagoela eta egin zen garaian bezala dago. Duela hamar urte, Baluarte kongresu eta erakusketa gunera eraman zuten gure iritziaren aurka. Hara eraman zutenean, tenperatura eta hezetasun datuak biltzen dituen erregistroak izugarrizko gorabeherak erakutsi zituen. Oso kaltegarria da, eta erretaula toki batera eta bestera eramateko eskatzen hasi zirenean, ezetz esan genuen. Mila urte bikain gorde dena hamar urtean hondatu behar dugu? Ikusi nahi duena Aralarrera etor dadila.
Sakanan langabezia tasa Nafarroako altuena da. Nola ikusten duzu hemengo etorkizuna?
Metalurgiarekin gehiegi lotua egon da hemengo industria. Ez genuen behar adina dibertsifikatu. Krisiaren ondoren gure ekonomia berriz altxatzea zaila izango da, baina toki onean gaude eta bide berriak zabaldu beharko ditugu. Metalurgiaz gain bestelako industriak eta zerbitzuak eratu behar dira. Horrez gain, nik beti esaten dut emakumeek gehiago parte hartu behar dutela lan munduan. Nik lan egiten nuen enpresan 100 bat langile izatera iritsi ginen, haietarik 37, emakumeak. Egiten zuten lana kalitate handikoa zen. Beti faltan bota izan dut emakumeen parte-hartze handiagoa produkzioan. Beharrezkoa da. Artzaintzan ere ezagutzen da emakumeen parte-hartze positiboa. Emakume bat integratzen bada etxalde edo gaztandegi baten antolaketan, hori aurrera aterako da zalantzarik gabe. Familia osoan eta negozioan nabari da eta berarentzat ere oso garrantzitsua da bere autoestimurako. Artzainaren emaztea izan edo etxeko artzain edo gaztagilea izan ez da 360 graduko bira, hirukoitza, baizik! Gainera, inguruan lanpostuak orekatu behar dira gizon eta emakumeen artean herrietako bizitasuna mantentzeko, bestela zer? Gizonak hemen lanean eta emakumeak Iruñera lan bila? Hori ez da bidea herriak bizirik mantentzeko. | news |
argia-a3795a7489e1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/suzko-zuhaitza.html | Suzko zuhaitza | Jakoba Errekondo | 2016-06-05 | Suzko zuhaitza
Gure landare askoren jatorria izanik, ekialdera joateko edozein proposamen gogo onez hartzen dut, eta itsuskeria egitea kosta egiten zait. Hilabete bat edo bada Grezian izan naizela. Ahoa zabalik ez, lotsagatik, baina halatsu ibili naiz hango paisaietan. Itsaso ikusgarriak, olibondo ( Olea europaea ) eta zitriko ( Citrus sp. ) sailak eta elurmendutako mendiak argazki berean. Lur haietan izaten naizenero Federiko Krutwig handia etortzen zait gogora, areago maiatzeko lorediaren emana eta bere usain zoratzailea direla medio: bugainbilea ( Bouganvillea spectabilis ), mitxoleta ( Papaver rhoeas ), Judasen arbola ( Cercis siliquastrum ), granada ( Punica granatum ), algarroboa ( Ceratonia siliqua )...
Ezagutzen ez nuen zuhaitz bat ere topatu nuen tartean. Kaleetako espaloietan zuhaitzak jartzeko egiten diren txorkoetan edo alkorkeetan ikusi ditut, edo parkeetan; hau da, hiriguneetan. Lanean topatutako lorezainei galdetu eta "akakia" dela zioten. Nik ez nion akazia tankerarik hartzen, baina guk Robinia pseudoacacia-ri sasiakazia deitzen diogun eran, han akazia nori ez ote diote deituko; batek daki. Hostoaren erakuskari bat eta lorearen argazki kaskar batzuk hartu eta etxera iritsi orduko liburuen itsasoan murgil egin nuen. Baita laster aurkitu ere. Grevillea robusta du izena. "Pinua" ("urrezko pinua", loreagatik) eta "haritza" ("zetazko edo zilarrezko haritza", hostailagatik) deitzen diote, baina niri beste izen bat gehiago gustatzen zait: "suzko zuhaitza". Eskua baino handiagoko hostoa du, sakon ebakia, mehe-mehe, ia garo baten itxurakoa, eta azpiko aldea iletsu zilarkara. Neguan ez da soiltzen, eta udaberriko beroetan sugar koloreko lore multzo handiak irekitzen ditu, han-hemen, dagokien tokian ez baleude bezala. Deigarria da oso. Koloreaz gain, loreak multzo handi xamarretan emateak berezi egiten du. Alergia duenak, zer gerta ere, ez ukitzea hobe, dermatitis eragilea da.
Apaingarri erabiltzen da parkeetan. Azkar hazten bada ere, zur iraunkorra sortzen du: hesietarako, leihoetarako eta zurgintza lanetarako erabiltzen da. Gitarren kaxak ere egin izan dira, tonalitate berezia eransten dio, nonbait. Erleek lorea gustuko dute.
Guri landare asko Grezia aldetik, ekialdetik etorri bazaizkigu ere, suzko zuhaitza Australiatik ekarritakoa dute. Ekialdetik... | news |
argia-600cc560a928 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/goseak-bazkatzeko-oturuntzak.html | Goseak bazkatzeko oturuntzak | Itxaro Borda | 2016-06-05 | Goseak bazkatzeko oturuntzak
Euskal Herrian, dakigunez, mahaiaren inguruan biltzea hobetsi da. Gizonak, bistan dena. Haurrek aurrerago eta emazteek beranduago-edo sukaldean jaten zuten. Aski ikusgarria da bertsolariek nola islatu zituzten, ironiaz, umore garratzez, baserrietan edo ostatuetan antolatzen ziren bazkari eta afari fantasmatuak. Iruritako Martin-Koxeren bidea jarraitzen zuten: ongi jan, ongi edan, aseta gelditu…
Etxahun eta Otxalde koblakari garaikideak, Betiri Santz –gosearen izen goitia…– sabelean karkara zebilkiela atera ziren Euskal Herriko pare bat taberna ospetsuetatik. Eta gainera gaizki tratatuak izan ziren. Ezpeletako Herrian (Otxalde) eta Gaztalondo Handian (Etxahun) pusketan kontatu zituzten beraien makurrak, jendeak alaitzea helburu. Baina funtsean goseak akuilatu eresiak dira.
Etxahun (1786-1862) eta Otxalde (1814-1897) ikusgarriak ziren. Arrakasta itzela zuten Iparraldean, batak Lapurdin, besteak Zuberoan, bertsoak, paperean etzanak eta bat-batean kantatuak eskaintzen zituztelarik. Urruñako Lore Jokoetan parte hartu zuten. Otxalde antiklerikala zen gainera. Fama gaitzak akuilaturik, jatetxe ilun eta gurintsuetara hurbiltzen zirenean, etxeko andereak zeken zitezkeen, animali gogorrak ahalik lasterren despeditzeko. Bi oilarrak bekoz beko aurkitu ziren behin:
Ezagutzen duzia
Barkoxen Etxahun?
Holako koblaririk
ez omen da nihun…
Bisitaz joan nindaike
ez balitz hain urrun.
Jauna, ezagützen dit
Etxahun Barkoxen:
Egün oroz nitzozü
hüllantik ebilten.
Etxahunen malenkoniatzarra ezaguna da, bereziki Jean Haritschelhar euskaltzainak 1969an Barkoxeko bardoaren lanak sakonki aztertu eta erdarara itzuli zituenez geroztik. Ordurako herritarrek pastoralak ontzen zituzten, hainbeste gorrotatu zituen seme kuttuna ardatz, olde andanak erakarriz eskualde guztietatik.
Pierra Topeten bertsoetan bizitzak inarrosi gizona dakusagu baina mihia, bipila eta zorrotza zuen. Baztertu baldin bazuten, mina egin zion bakoitza, gizon, apez, emazte, neskatila, kopla zoharren bidez betirako madarikatuak bezala gelditu ziren. Etxetik kanpo eman zuten eta eguneroko ibiltari bat eraman zuen, Pixtako edo Ünürritzeko Olhako artzainekin egiazki loriatzen zela. Salbai hutsa zen herrira jaistean…
Gaztalondo Handian olerki heroikoan ernatzen da bertsolariaren ironia eta herra, ezpata distiratsua bailitzan:
Gaztalondo handian
agitü niz arrotz,
apaidü bat egin düt
ezpeitzen gorgotz.
Untsa bazkaltüren
nintzala nintzan botz,
khümitatzailia
aberats nilakotz.
Barkoxe herri zabala da, auzo famatu anitz baditu, zenbaitek oraindik ere buruz hizkatzen dituztenak: Txapela, Larraja, Gaztalondo, Oilauki, Haranbeltz eta Karrika. Etxahunen etxea Madalena Mendiaren mazeletan kokatua zen. Laborariak dira bertan gaur, lehen bezala. Ostatuko etxeko anderea jenerusa, eskuzabala zela onartzen zuen hargatik poetak, jateko zetorkion arrotza gustukoa baldin bazuen bederen. Etxahun aldiz gorgotz, zakar hartu zuen.
Lau bertset izkiriatu zituen berehala. Sei aldaera kausitu zaizkio denboran zehar. Arrebari abestu zizkionetan salatzen du Arangaraiko zakurrak zango-sagarra ausiki ziola. Egoera llabür eta hun korapilatzen du, entzulearen izpirituan algara haziz, pobreki errezibitua izan baitzen: artozko ogia, mestura, gatzik gabeko salda, lursagar erdi hotzak, baxera zikinak, eta bukaeran, bekatuetan bekatuena, ardoa zein bekaitz isuri zion:
…
zopak nütin artoz
salda ahül gatxotx
godalia hur hotz
eta hetarik landa
bi pattako erhotz.
…
zieta nin sakho,
gathülia manddo,
kullera zurezko,
tahalla beltz ta xatar
bat lunjeratako.
Etxahun, gosetu etengabearen pare irudikatzen dugu. Jatetxeetan sartzean, bereziki bere auzokoa zen Gaztalondon, apairu izugarriak lehiatzen zituen alabaina. Errealitatea arras ezberdina zen, tabernetako gela tepuetan, mahaiaren zabalean, klase-borroka mota bat jolasten zela, nehork txintik salatu gabe. Erran eta gorde arren, azaltzen denaren arteko harremanak Gaztalondo Handian bertso-saileko perla bederak ezinbesteko egiten dizkigu.
Otxalde bidarraitarra, Etxahunen moduan, mugazaina izanagatik ofizioz ez zen aberatsetatik. Herririk herri ibili arazten zuten eta hamaika haurreko familia zuen hazteko funtzionario soldata urriarekin. Argentinara joan zen emazte eta umeekin, baina handik laster itzuli, andrea eta ume zenbait bertan abandonaturik. Mezarik gabe ehortzi zuten Bidarrain, ideologiaz gorrietatik zelako. Iruñeko Ferietan, Makila edo Kilo egilearen kantuaren ontzailea da.
J.D.J. Sallaberry apezak 1870ean bildu Ezpeletako Herrian zatiko zazpi kopletan Otxaldek, Etxahuni Zuberoan gertatua errepikatzen du, miraila jokoa bailitzan: hitz emanak ez zuen alabaina egiazki emanaren itxurarik Lapurdi zolan ere. Peio Ospital kantariak abesten ditu, noizean behin publikoan aritzea galdatzen diotelarik.
Bertso bietan nabaritzen dugu gizonen artean eta bidez bide zein mendiz mendi zohitu poeta hauen joera misoginoa: emazteak ez zituzten begi onez ikusten, Gaztalondon ala Ezpeletan, faltsukeria, urguilua, alferkeria, bazterkeria sozialerako jaidura egozten zietela. Etxahun mundu guztiaren kontra kexu zela ez dezagula ahantzi. Otxalde leunagoa zen:
Ezpeleta herrian, ostatu batian
Gertatu izan naiz bazkari batian,
uste gabian, laur lagunetan;
etxek'anderia bere lanetan,
espantuia franko bere saltsetan,
ageriko da gero obretan…
Noski, bazkaria aitzina joan arau, deus ez da iragarriaren neurrikoa. Ezpeletako jatetxearen jabea goizik jaiki zen, sua piztu zuen eta haragia erosi. Dena ongi zebilen horraino. Jatera plantatu zirenean egia zartatu zitzaien:
Poxi poxi bat eman zautan niri,
zer jenero zen ez zen ageri,
mamia guti, hezurra handi.
Ardoa ez zen zinezko ardoa:
Edan dezagun beraz gogotik,
horditziaren beldurra gatik,
honek ez gaitik joko burutik.
Eta saltsa?
Saltsa eztela egin berria,
bezperakua, mintzen hasia.
Haragiak ez zituen aseko:
Be'iratu eta egin neron irri,
zikiruaren fama tzarrari;
mehe zen baina ez zen ernari.
Kafea azkenik ura zen, kikara erdi bat purruxkekin egina, agian ikatzarekin. Bertsoak behatzaileak barrez lehertzeko helburuarekin josiak dira eta lortzen zuen Otxaldek, Etxahunek Gaztalondo Handian takatzen duen gorroto minberaren aztarnarik gabe, burla eta trufaren ildoan geratzea.
Etxahunen eta Otxalderen bertsoek bazkari-afari ederrak, askotan, amets hutsak baino ez zirela argi uzten digute. Historian zehar, goseteak urte luze eta morbidoak ziren, jendeak milioika hiltzen zirela eta lekukotasunen arabera, abereen maneran, belarra jatera kondenatuak ziren. Badirudi Euskal Herrian goseteen garaia Amerikaren ustiatze aroarekin bukatu zela. Handik ekarri ziren artoa, bistan dena, bai ere lursagarra, tomatea, piperra eta txokolatea.
Berehala landatu, hazi eta sukaldean erabili ziren: artoarekin demagun haurtzaroan guk ere irentsi genituen taloak, mesturak, saldak, saltsak edo pastetxak adelatzen ziren. Jatekoa zuhur zen, baina asegarria. Goseteen eraginen mendratzeko bezala, janaldi erraldoien kontakizunak hedatu ziren jendarteetan, batzuetan Inauteriz harilkatzen zirenak. Gosea ahanzteko dastatzen ahal zen François Rabelaisek 1534an plazaratu Gargantua nobelaren utopia pikareskoa.
Etxahun eta Otxalde badabiltza engoitik tripa zorriak elkor, korrok eta hutsik. Baina bertsolari ezezagun baten lekukotasunak tabernetan gaizki hartua izatea ez zela egundainokoan legea gogora ekarri diezaguke. Bizi naiz munduan kopletan ez da janaria falta, baina abeslariaren maite kuttuna: han ez zen eskasik maitea zu baizik … aitortzen digu auhen batean.
Barkoxe eskualdeko koplari bat mintzo zaigu eta aipatzen digun menuak ahotik ezin utzia dirudi aldion:
Izan niz Barkoxen
kusiaren etxen,
ahuñaki jaten
segur ona baitzen
kostaletak errerik,
biriak egosirik,
ogia muflerik,
arnoa gozorik…
On egin. | news |
argia-93fa7eb5af7e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/elkarri-esku-emanda.html | Elkarri esku emanda! | I�aki Murua | 2016-06-05 | Elkarri esku emanda!
Bi urteko ibilbidea ia amaitu duzue. Animo eta zorionak! Baita bi, hiru eta lau urtez jardun duzuenoi ere! Nork du bada meritu gehien, bi urtean bukatu duenak ala lau urte lanean jo eta ke aritu eta azterketara aurkeztu denak?
Espainiako Itzulia irabazi eta Langarika txirrindulariak diru asko saritan jaso zuela esan omen zion aitonari bilobak; eta aitonak bai azkar asko ulertu ere: "Alde ederra zagok. Horri bizikletan itzulia egiteagatik dirutza hori eman ziotek eta guri, itzuli osoa oinez frankisten balen eta obusen ihesi egin eta, kartzela sari. Handik trabajadoresetara borondatezko (?!) lanak egitera. Hori izan huen gure saria. Gu gorriak? Guk bai ikusi genizkian gorriak!".
Batxilerreko ikasleak ere antzera ikusten ditut: batzuk kabitu ezinik lortu dutelako; beste batztzuk azken ahaleginaren faltan, hatz punttekin ia ukituan eduki dute pasaportea eta ihes! Bada beste multzo bat ere, azken saialdi serioa egin beharrean gertatu dena. Zail dauka ikasle ekipo horrek, ez du gaiak ulertzeko eta lantzeko bakarrik behar bultzada, ez, beren buruan eta gaitasunetan sinesteko besarkada behar dute. Hemen gauzkatela behar dutenerako sentitu behar dute. Baina askotan, gogorra baita emaitza negatiboen aurrean aurpegia ematea, notak banatu ditugun egunean eta zalantzak argitzeko eske, gure ikasleak negar zotinka daudenean, ezkutatzen gara aitzakia inuzenteren baten atzean.
Ez da erraza, ez. Egoera hauetan, nerabe eta gazte batzuen tonua, hitzak eta moduak ez dira aproposenak. Baina, guk jakinarazi behar diegu ezegoki ari direla, guk transmititu behar diegu zer den egoten jakitea! Baita gurasoei ere! Ikasleen erreakzio neurrigabeak edo lekuz kanpokoak, egoera bideratzen erakusteko aukera bihurtu behar dira. Nor bere onetik atera gabe esan behar dena esateko eta entzutea dagokiguna entzuteko entrenamenduak ez du parekorik bizitzan!
Ia dena telefonoz eta whatsappez egiten ohitu gara. Tutoreok eta ikasleen gurasoek, elkarri aurpegira begiratu gabe trukatzen dugu informazioa. Egoerak edozer esateko abagunea eskaintzen du, baita errespetua eta neurriak galtzeko ere, eta zenbat presio jasaten dugun gurasoengandik! Ez du ezerk balio zenbaitentzat, ez tutoreak kurtso osoan emandako latak egoera ongi bideratu nahian; ez jarrera aldatzeko aholkuek; ezta emaitza eskasen aurrean azaldutako kezkak ere, eznahiko dagoen lekuan nahikoa ikustea dute helburu bakar.
Egoera horietan bakoitza dagokigun mailan egoten ahalegintzeak, eta ahal bada asmatzeak, eredu bateratua ematen dio ikasleari. Ate guztietan berdin erantzun diote: ebaluazio taldeak, irakasleek, tutoreak, gurasoek. Horra bi lezio batean, heziketa komunitateko ordezkari guztiek iritzi bera dute. Ez dago nahasmenik, aho batez ari dira diagnosia egiten eta hartutako erabakia arrazoiz adieraziz. Ez dago beste biderik, denek bera diote eta hor dago gakoa! Onartu epaia dagoen horretantxe. Alferrik da zirrikitu bila hastea! Eskuz esku eta esku guztiek batera, noranzko berean indarra eginez bideratuko dugu etorkizuna. Denon eskuak behar! | news |
argia-c81db4af76ea | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/dan-berrigan-apaiza-gerrarako-armak-golde-bihurtzen-saiatu-zen.html | Dan Berrigan apaiza gerrarako armak golde bihurtzen saiatu zen | Pello Zubiria Kamino | 2016-06-05 | Dan Berrigan apaiza gerrarako armak golde bihurtzen saiatu zen
Bakezko desobedientziaren ikonoetako bat zendu berri da. Philip eta Daniel Berrigan anaia apaiz estatubatuarrei –1920ko hamarkadan sortuak– Bibliaren irakurketa zorrotzak ondorio politiko gogorrak ekarri zizkien, legea urratu eta beren erosotasun pertsonala arriskuan jartzera eraman baitzituen, espetxeraino. Anaia joan den abuztuan galdurik, Daniel apirilaren azken egunean hil da Bostonen 94 urterekin.
"Estatu Batuak –idatzi du New York Times ek– barnetik urratzen ari ziren, giza eskubideen eta Asia urruneko gerra zirela eta, orduan azaldu zen Aita Berrigan 1960ko hamarkadan eliza katolikoaren 'ezker berriaren' izar intelektual moduan, aldarrikatuz arrazismoa eta txirotasuna, militarismoa eta kapitalismoaren gose ase ezina, arazo handi beraren osagaiak zirela: gizarte injustu baten osagaiak".
1921ean jaioa, jesuiten seminariotik pasaturik 1952an apaiztu zen, ondoren Europara etortzeko urte sabatikoa hartuta. Frantziako estatuan ezagutu zituen orduko Eliza katolikoaren egitura eta ohiturak inarrosten zituzten "apaiz obreroak", 1960ko hamarkadan Euskal Herrian ere oihartzuna izango zutenak.
1957an argitaratu zuen lehenbiziko poema liburua, National Book Award sarirako izendatzeko adina famatu zutena zenbait kritikok, eta geroztik hil artean urtero liburu bat bederen aterako zuen. 1963an Parisen barrena bisitatu zituen orduan Txekoslovakia zena, Hungaria, Hego Afrika, Israel eta Palestina eta abar… AEBak eta OTAN batetik, Sobiet Batasuna eta bere blokea bestetik, Gerra Hotzaren garai beroenak ziren. Bakearen aldeko eta arma nuklearren aurkako mugimenduetan murgildu beharraz konbentzituta itzuli omen zen etxera.
Ez zen katoliko bakarra horretan. 1965eko azaroaren 9an New Yorken, Nazio Batuen egoitzaren atarian, 22 urte baizik ez zeuzkan Roger Allen LaPorte lurrean eseri zen budisten eran, gorputza igurtzi gasolinaz eta bere burua sutu zuen. Gaztea biharamunean hilko zen, galdu gabe konorterik; zergatik egin zuen galdetutakoan erantzun zuen: "Langile katolikoa naiz. Gerraren kontra nago, gerra guztien kontra. Erlijiozko ekintza da egin dudana". Haren hiletan esandako sermoiagatik, jesuiten nagusiak behartu zuen Dan sei hilabeterako AEBetatik kanpo ibiltzera.
1967an atxilotu zuten lehenbizikoz, Pentagono aurrean zientoka ikaslerekin gerraren kontra manifestatzeagatik. "Espetxean jantzi ditut lehenbizikoz jeans galtza eta alkandora, apaiz batentzako egokiak iruditu zaizkit" idatzi zuen. 1968ko otsailean Ipar Vietnamera bidaiatu zuen Howard Zinn historiagilearekin, hiru militar yanki askatuta etxera ekartzeko. Viet Congekin biltzeko zain zeudela Hanoin, AEBetako hegazkinen ohiko bonbaketa bat probatzea egokitu zitzaion bertan.
1969ko maiatzaren 17an, Martin Luther King hil eta sei astera burutu zuten akzio mediatikoena, Catonsvilleko bederatzien protesta : ekintzaileak, tartean Berrigan anaiak, soldaduak errekrutatzeko bulegoetan sartu, langile harrituen aurrean paperak hartu eta atarian su eman zieten gerrara deitutako mutil gazteen zerrendei, etxean egindako napalm sinbolikotan kiskaliz.
Ekintzaren aldarrikapenezko orrian idatzi zuten: "Barkamena eskatzen dizuegu, lagun onak, ordena urratu dugulako, paperak erre ditugulako umeak erretzeko ordez, diziplina handiko jendeak haserraraziz hilerriaren atarian. Jainkoak lagundu gaitzala, baina beste erremediorik ez genuen (…) Salatzen ditugu eliza katolikoa ere, eta beste eliza kristauak eta sinagogak, isil eta koldar daudelako gure nazioaren krimenen aurrean".
Udazkenean epaitu zituzten, hiru egunez mundu osoko prentsa erakarri zuen auzian. Beranduago Gregory Peckek hartan giroturik egingo zuen " The Trial of the Catonsville Nine " filma. Bi urteko zigorrera kondenaturik, Danek erabaki zuen bere burua ez entregatzea. Lau hilabete iraun zuen sasian, AEBetako Ipar-Ekialdeko hainbat herritan behin eta berriro azalduz, batean hitzaldia, bestean elkarrizketa, FBIk atxilotzea lortu zuen arte.
Bakea ez maitatu erdizka
Dan Barriganek presondegiko 18 hilabeteko bizipenak " Lights on in the House of the Dead " (Argiak hildakoen etxean) bildu zituen eguneroko moduan. Poeta gisa oso ezaguna, genero ezberdinetan denetara 50 liburu argitaratu zituen.
Gerraren aurkako eta bakearen aldeko lana honela laburbildu zuen bere liburuetako batean: "Bakegile deitzen diogu gure buruari, baina denbora luzaz ez gara prest egon ordain handirik pagatzeko. Horregatik darrai gerrak, bakea maite dugulako bihotzaren erdiarekin eta biziaren erdiarekin, ez osoarekin. Ez dago bakerik ez dagoelako bakegilerik. Ez dago bakegilerik bakea egitea delako gutxienez gerra egitea bezain garestia, zaila, asaldatzailea; bakea egiteak eraman zaitzakelako uberan presondegira eta heriotzara eta desgraziara".
1972an berriro auziperatu zituzten bi Barrigan anaiak, zergatik eta Henry Kissinger Estatu Idazkaria bahitzea antolatzeagatik, azkenean libre uzteko.
1980ko irailaren 9an bi Barrigandarrak eta sei ekintzaile gehiago sartu ziren General Electric multinazionalak armadarentzako misil nuklearrak egiten zituen usinan, Pennsylvanian, eta mailuka matxuratu zuten bat, jakinda barruan ez zeramala zama atomikorik. Ekintza gero filme bihurtuko zen " King of Prussia " –General Electricen fabrikak izen hori zeukan– tituluarekin.
"Goldeak" ( Plowshares , ingelesez) deitu zioten ekintza hari, Isaias profetak duela 2.800 urte esandako iragarpenaz oroituta: "Ezpatak golde bihurtuko dituzte eta lantzak igitai. Ez da naziorik nazioren aurka altxatuko, ez dira gehiago gudurako prestatuko".
1980ko hamarkadan kapilau lanetan aritu zen behartsuak, kantzerdunak eta hiesdunak zaintzen. 1984an El Salvador eta Nikaragua bisitatu zituen, bertan ezagutzeko AEBen armadak sustatu gerrek eragindako kalteak. 1985ean Roland Joffe zinegileak Kolonbia, Paraguai eta Argentinara eraman zuen " La Mision " film gero hain famatua izan den hartan aholku eman zezan.
2001ean, 80 urte betetzen zituen egunean, galdetu zioten ea noiz etsi behar zuen: "Geldituko naiz, bai, baina ez hil ondorengo biharamuna arte". 2006ko argazki batean ageri da, apaiz jantziz, gurutzea golkoan, polizia batek eskuak lotzen dizkiola Armadaren Manhattaneko museo baten atarian. Eta azkenetako irudiak, 2012koa, erakusten du Occupy Wall Streeteko gazteen alde otoitzean.
Amy Goodmanek elkarrizketatu zuenen 2006an Democracy Now irratirako, amaieran galdetu zion ea gauzak ez ote ziren hobetu haren gazte denboratik, Vietnamgo gerratik, eta Dan zaharrak: "Ez, ez, nire bizitzako garairik txarrena da hau, benetan. Ez dut sekula ikusi hain koldarki urratzen errespetatu beharreko edozein giza arau. Jende horiek agertzen dira telebistan eta ez idatzi eta ez esan gabeko lelo bat dakarte: 'Mespretxatzen zaituztegu, zuek, zuen legea, zuen ordena, zuen Biblia, zuen kontzientzia, dena mespretxatzen dugu. Eta behar baldin bada hil egingo zaituztegu hori erakusteko'". | news |
argia-7aeb0b1df0a8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/etxekogizon-lanetan-zaratarik-atera-gabe.html | Etxekogizon lanetan, zaratarik atera gabe | Onintza Irureta Azkune | 2016-06-05 | Etxekogizon lanetan, zaratarik atera gabe
Pello Ulazia Ibarzabal (1966, Mutriku) hamar urtez arduratu da etxeaz eta hiru seme-alabez, etxetik kanpoko enplegurik izan gabe. Urtetako bizipenetan oinarrituta Isilean erakusketa antolatu du. Mendeetan emakumeek isilean egindako lan duinari omenaldia egin nahi izan dio, eta era berean, gizonek ere zaintzaren ardura hartu behar dutela aldarrikatu. Gizonak "iraultza" isilik egin behar duela uste du Ulaziak, zalapartarik gabe. Andoaingo Bastero Kulturgunean egon zen erakusketa udaberri hasieran. Hurrengo erakusketak Mutrikun eta Hernanin izango dira.
Ezkerreko argazkian arropa mordoa. Garbitu, lisatu, tolestu... inoiz ez da bukatzen. / DANI BLANCO
Maitasun-gorroto harremana izan du Ulaziak baloiekin. Txukun jasota egon behar eta txoko guztietan agertzen ziren, seme-alabek bildu ez zituztelako. Baina inon ez zituenean ikusten... haiek falta. / DANI BLANCO
Argazkia: DANI BLANCO
Etxeko ontzi andanaren hutsak hormigoiz emanak. / DANI BLANCO
Oinetako zaharrak. Zakarrontzira bota nahi ez eta bigarren bizitza eskaini die artistak zuritua emanda. / DANI BLANCO | news |
argia-47d369644e3a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/gurasoen-erronka.html | Euskaraz aritzeko agintzetik norberak egitera | Amaia Ugalde | 2016-06-05 | Euskaraz aritzeko agintzetik norberak egitera
Ez du balio. Eskola-umeei "egizu euskaraz!" esaka ibiltze soilak ez ditu fruituak ematen. Motibazioan eragiteko formula bila, beste errezeta batzuk sortu behar direla jakitun, hainbat ikastetxetan esperientzia interesgarriak garatzen dabiltza. Eibarko Eta kitto! euskara elkarteak antolatutako Euskararen transmisioa mintegian Eibarko eta Elgoibarko hiru ekimenen berri eman zuten. Ekimenok balio izan dute ikasleak, irakasleak eta gurasoak motibatzeko.
Eibarko San Andres ikastetxeko pasilloetan ikasturte hasieran baino euskara gehiago entzuten da orain. Hori dio Juani Iriondo bertako irakasleak. 2015eko azaroan hasi ziren Aldahitz ikerketako eusleen metodologiarekin lanean. Ikerketa hori lan-munduko hizkuntza ohituretan eragiteko diseinatu zuten Pello Jauregik eta Pablo Suberbiolak. Iaz, Eta Kitto! euskara elkarteak antolatutako mintegian eman zuten Aldahitzen berri, eta ideia horretatik abiatuta, lantokietarako balio zuen esperientzia ikastetxera aplikatu dute.
Eusleek, hitzak dioen bezala, euskarari eusteko ardura izaten dute. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailarako ikasleak dabiltza egitasmoan parte hartzen, eta hasieratik oso motibatuta egon direla azaldu du Iriondok: "Ikerketaren oinarrietako bat parte-hartzea borondatezkoa izan behar dela da, eta ikasleei proposatu genienean, denek nahi izan zuten parte hartzea". Astero, gelako bost pertsonak hartzen dute eusle izateko ardura, eta ikaskideek funtzio hori onartzen diete.
Ikasleei proposamena egitean, ikerketa baten moduan planteatu zuten ekimena: "Esan genien batzuek eskolatik kanpo euskaraz berba egiteko aukerarik ez daukatela, eta eusleek aktiboki lagunduko dietela ikaskide horiei". Azken batean, helburua euskaraz berba egiteko aukera gehiago sortzea da. Ikasleek eragile direla sentitzen dute, eta horrek motibazioa izugarri handitzen duela azaldu du San Andres ikastetxeko irakasleak. Eusle izatea ohorea izaten da: "Garrantzi handiko pertsonak dira, prestigioa eman diegu; badakite ez dela lan erraza, edonor ezin dela eusle ona izan". Irakasleak "eusleen eusleak" dira, ikasleak animatzen ibiltzen dira, bidelagun.
Ikerketa izaera du esperientziak, eta horrek ere eragina du motibazioan. Aste amaieran ikasleek fitxa batzuk betetzen dituzte, galdera sinpleekin. Eusleei 'Nola hitz egin duzu aste honetan?' galdetzen diete, eta ikaskideei, 'Nola hitz egin duzu aste honetan eusleekin?'. Eskala batean erantzun behar dute –dena euskaraz, gehiena euskaraz, bietara berdin, gehiena gaztelaniaz, ia dena gaztelaniaz–. Erantzunekin grafikoak egiten ditu Juani Iriondok: "Ikusi dute hizkuntza ohiturak ikertzeko gai bat ere badirela, eta eusleek hartzen duten erabakiak eragina duela gela osoko euskararen erabileran".
Eusleek ez dute identifikazio ikurrik izaten: "Bakoitzak erantzukizuna hartzen du, eta ez dugu nahi izan inor kontu eske ibiltzea. Eusle denak badaki zer den, eta horrekin nahikoa da". Apurka-apurka ikasle guztiak pasatu dira eusle izatetik, eta ohol batean astero eusleen argazkiak gehitzen ibili dira. Gela bat bereziki ondo ibili da lan horietan, eta gelakideei talde-argazkia atera zien Iriondok. Eusleen oholean argazki hura jartzea aitortza izan zen gela harentzat. Elkarri tira egiten ibiltzen dira ikasleak, eta Iriondok nabarmendu duenez, derrigorrez euskaraz aritzearen ideia ezabatu dute: "Esperientzia hau zerbait alaia izan da umeentzat, ez da zama". Gurasoei ere entzun diete gustura dabiltzala seme-alabak. "Ez dugu ezer asmatu", dio irakasleak: "Aldahitz gurean aplikatu baino ez dugu egin, eta bai, funtzionatu du".
Gurasoak ikasle
Eibarren bertan, Arrateko Andra Mari ikastetxean, guraso talde bati euskara eskolak ematen dabil Elizabeth Lema, eta bere esperientziaren berri eman zuen Eta Kitto!-ren mintegian. Abenduan hasi zituzten eskolak, eta guraso batzuek dagoeneko nahiko txukun egiten dute euskaraz. Ama batek ikasturte hasieran eman zien ideia irakasleei. Zail ikusten zuen euskaltegian izena ematea, diru kontuak eta ordutegiak tarteko, eta umeen eskola ordutegian euskara ikasteko prest egongo zela esan zuen. Klaustroan komentatu zuten, eta Elizabeth Lema eskolak emateko prest agertu zen. Lanaldi erdian dago lanean, eta lan orduetatik kanpo eskolak emateko erronka hartu zuen, baita pozik hartu ere.
Deialdia egin zuten eta hamabost gurasoko talde bat sortu zen. "Helburua gurasoek umeekin euskaraz harreman polita izatea da", azaldu du Lemak. Gramatika eta aditz tauletatik urruti, egunerokotasunean erabiltzeko euskara ikasten dute. Zerotik hasi dira taldeko asko; "hasi ginenean galdera bat egin nien, 'Zer esango zenioke zure umeari euskaraz?', hori izan da abiapuntua".
Lemaren berbetan, giro polita izaten dute euskara eskoletan. Guraso guztiek maila bera ez dutenez, ikasketa kooperatiboa egiten dute, batak besteari laguntzen eta talde lanean: "Batzuek etxerako lanak eskatzen dituzte eta oso langileak dira; azterketa ere egin dute, gurasoek eurek eskatuta". Kontatu duenez, guraso batek etxean ikasitakoa gogoratzeko, ohartxoak jartzen ditu han eta hemen, "Recoge los juguetes – Jaso jostailuak" moduko esaldiekin.
Umeek eskertu egiten dute gurasoen ahalegina, eta Elizabeth Lemak azaldu duenez, gustatu egiten zaie gurasoek euskara ikastea. "Esaten dute oporrak hartzen dituztenean eurek erakutsiko dietela euskara gurasoei". Lemak zoriontsu ikusten ditu umeak.
Elgoibar ikastolan, gurasoak ziztatzen
Elgoibar ikastolako kideek ere parte hartu zuten Eibarko mintegian. Deñe Zabalo ikastolako gurasoak Bizia delako egitasmoaren berri eman zuen. 2014 amaieran hasitako gurasoen euskara taldeak sortutako leloa da Bizia delako, eta ume eta gaztetxoengan eragitea baino gurasoengan eragitea da euren helburu nagusia.
2015eko ekainean, ikastolaren jaian aurkeztu zuten taldea, kontzientziazio ekimena tarteko. Konpromisoen jokoa egin zuten. Pegatinekin egindako dinamika baten bidez, gurasoak euskararen alde konpromisoak hartzera animatu zituzten. Elgoibar ikastolan 629 familia daude, eta egun hartan 682 konpromiso batzea lortu zuten.
Gurasoek esaten dutena baino gurasoen jarduna izaten da umeen hizkuntza ohituretan eragiten duena. Ildo horretatik, ikastolako gurasoak ardura horretaz jabetzea nahi dute euskara taldeko kideek. Kontzientziaziorako esaldiekin kartelak jarri dituzte ikastolako hainbat bazterretan, eta ikasturte hasierako batzarretara ere jo zuten, bertan taldearen helburuen berri emateko. Hemendik aurrerako erronken artean, Deñe Zabalok gurasoentzako motibazio ekintzak egitea eta ikastolan egiten diren ekimen guztietan gurasoek hartutako konpromisoak gogoraraztea aipatu ditu. | news |
argia-c9531505c70d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/kapitalismo-berdea.html | Kapitalismo berdea | Mikel Zurbano | 2016-06-05 | Kapitalismo berdea
Aldaketa klimatikoa, itsasoen kutsadura, petrolioaren eta natur baliabideen agortzea, lurraren narriadura hazkorra, hondakinen kontrolik gabeko barreiaketa, eta abar luze batek aspaldian erakusten dute ekonomia eredu desarrollistak –izan neoliberala, keynesiarra edo planifikazio zentralekoa– planeta hondamendira daramala.
Kapitalismo berdearen leloa oximoroma izan arren, etorkizun hurbileko erronka ekologikoak behartuta, elite politikoak eta ekonomikoak iraunkortasunerako estrategiak eta ekimenak hedatzen ari dira. Bere ondorioak aurreikusi ezinak diren arren, TTIP edo antzeko itunek horren oztopo direla ahaztu gabe, kapitalismoaren garapen eredu berri baten ateak zabal ditzakete jarraian azalduko ditudan bi estrategien moduko lerroek.
Euskal lurraldeen artean gehien birziklatzen duen herrialdea Gipuzkoa da %42,3 markarekin, duela bost urte abian jarritako birziklatze neurrien emaitza itxaropentsuak agirian utzita. Europako esparru berriak neurri horietan sakontzea eskatzen du, hala azken urtean arlo horretan tamalez galga ipini duen Gipuzkoan nola gainerako herrialdeetan ere
Europar Batasunean ekimen multzo bat hartu berri du Europako Batzordeak zuzentarau gisa "ekonomia zirkularra"ren eremuan. Neurrien motibazioa da aipagarria, izan ere, lehen aldiz onartzen du Batzordeak "hartu, erabili eta bota" kulturan oinarritutako eredu produktiboa jasanezina dela. Horri aurre egiteko "ekonomia zirkularra"ren oinarriak hartzen ditu aintzat: "Sehaskatik sehaskara"ko ideia da nagusia eta hondakinak baliabide bihurtzen dituen ekonomia produktiboaren ikuspegia akuilatzen du. Bistakoak lirateke eskema horren abantailak guztientzat: natur baliabideen erabilera hobea, kutsadura gutxitzea, kostuen aurrezkia eta diseinu ekologikoak zein produktu ugariren berrerabilpena eta birziklapena tarteko enpleguaren sorrera. Neurri hauek martxan jartzeko egitasmoa zehaztu egiten du Batzordeak. 2020 Horizontea programaren kontura 650 milioi euro daude aurreikusita eta beste kopuru zabalagoa tokiko ekimenetara bideratzen diren Fondo Estrukturalen bizkar. Praktikan udal zein tokiko gobernuek helburu jakin batzuk bete beharko dituzte. Esaterako, 2030 urterako udal hondakin guztien %65 birziklatu beharko da. Euskal lurraldeen artean gehien birziklatzen duen herrialdea Gipuzkoa da %42,3 markarekin, duela bost urte abian jarritako birziklatze neurrien emaitza itxaropentsuak agirian utzita. Europako esparru berriak neurri horietan sakontzea eskatzen du, hala azken urtean arlo horretan tamalez galga ipini duen Gipuzkoan nola gainerako herrialdeetan ere. Halaber, lizitazio publikoetan erosketa publiko berdeen irizpideak hartzea eskatzen du zuzentarauak. Euskal Herrian udal mailako ekimenak egon badauden arren, oso gutxi eta urriak dira oro har.
Europako Berdeen taldeak ere ekimen berri bat aurkeztu du ekonomia berdea hedatzeko xedearekin. Diru berdea txostenaren bitartez Europako Banku Zentralaren (EBZ) diru pizgarrien bidezko politikak ekonomia berdea finantzatzeko praktikak indartzeko erabiltzea eskatzen dute. Gaur egungo diru politikaren bidea modu pragmatikoan erabiltzea da gakoa, trantsizio berdea eta ekonomia krisia nolabait bateragarri eginda. Deshazkundearen bideari heltzea baino diru politika eta politika fiskala trantsizio berdea diruz laguntzea lehenesten da, horrela enplegua sortuko litzateke eta krisiaren irteera erraztu.
Gaur egun, EBZk diru kopuruak bideratzen ditu titulu publikoak eta pribatuak erosteko, baina politika horrek ez du diskriminatzen erosten dituen aktiboen artean, beraz, batzuetan jarduera kutsagarriak eta jasangaitzak ere finantzatzen ditu. Inbertsioetarako Europar Bankuak kudeatuko lukeen fondo berde bat sortzea da diru politikaren hedakuntza egoki bideratzeko aukera bat. Teknikoki konplexua den arren politikoki helburu argia du: proiektu berdeen finantzaketa bermatzea. | news |
argia-30f8bc183e21 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/eskandalu.html | Eskandalu | Imanol Alvarez | 2016-06-05 | Eskandalu
Diglosia kulturala dela medio, baten batek pentsa lezake Raphaelen kantari espainiarraren abesti famatuaz ariko naizela. Bada ez. Erakundeen euskararekiko jokaeraz arituko natzaizue, ene aburuz eskandaluzkoa izatera heldu baita.
Izan ere, neure borroka daramat haiekin. Legeak edozein erakunderekin harremanetan jartzeko nahi dudan hizkuntza ofiziala erabili ahal izatea ustez aitortzen didan arren, euskara hautatuz gero, beti egiten dut topo trabaren batekin erakunde orotan, salbuespenik gabe: Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Aldundia...
Edukia, gorabeherekin bada ere, gustukoa izan nuen; hizkuntzen erabilerak, ordea, eskandalizatu egin ninduen. Nabaria zen kanpaina erdaraz pentsatutakoa zela
Batzuetan norbanako moduan aritzen naizenean gertatzen zait, beste batzuetan elkarte baten izenean, baita laneko kontuetan ere. Ohiko arazoetako bat izaten da nik agiri bat euskara hutsean aurkeztu eta haiek erdara hutsean erantzun, indarrean dauden legeak hautsiz eta nirekiko begirune falta adieraziz.
Baina badago beste kontu bat, zeharka bada ere, hiritar euskalduna naizen aldetik etengabe eragiten nauena: erakundeen funtzionamendua bera. Esan nahi baita, erdara hutsez funtzionatzen dutela gehienek, eta horrek ondorio latzak dituela euskaldunongan. Askotan inprimaki edo agiri batzuk ez dira existitu ere egiten euskaraz, eta, badaudenean, ia beti erdarazkoaren itzulpena baino ez dira. Eta nabaritu egiten da, ulertzea bera ia ezinezkoa izaten da-eta.
Diodan hori oso modu argian ikusten da argitaratzen duten publizitatean ere. Azken adibidea Bizkaiko Diputazioarena izan da, maiatzaren 17ko homofobiaren kontrako kanpaina hain zuzen. Proiektu-fasean ezagutu nuen kanpaina, kasualitatez. Edukia, gorabeherekin bada ere, gustukoa izan nuen; hizkuntzen erabilerak, ordea, eskandalizatu egin ninduen. Nabaria zen kanpaina erdaraz pentsatutakoa zela. Bost kartel eta bost lelo diferente zeuden, baina denek zeukaten zerbait komuna, nolabait kanpainari batasuna ematen ziona: denak hasten ziren "también" berbaz. Euskaraz ere egitera behartuta zeudenez, jakina, norbaitek itzuli beharko zituen lelook. Eta horra nire sorpresa: "itzulpenak" (nolabait deitzearren) astakeria gramatikalen bat izateaz gain, berezi samarrak izateaz gain... ez zeukaten ageriko elementurik elkarrekin, eta batasun horren falta zela-eta, kanpainaren eraginkortasuna galtzen zen hein handian. Gauzak horrela, ezin erreprimitu, eta e-maila bidali nien arduradunei kanpainaren batasuna errespetatzen zuten itzulpen itxurosoak proposatuz. Zorionez, kasu egin didate, eta neuk eginiko itzulpenak dira kartel-bideoetan ikus daitezkeenak. Uste dut badela garaia erakundeek publizitate-enpresei exijitzeko euskaraz ere lan egin dezatela. Oraingoan neuk egin diet-eta lanaren parte bat. Eta ez dut kobratu! | news |
argia-28ed5bbfa054 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/hans-massaquoi-beltza-nazi-artean.html | Hans Massaquoi, beltza nazi artean | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-06-05 | Hans Massaquoi, beltza nazi artean
Hanburgo, 1926ko urtarrilaren 19a. Hans-Jürgen Massaquoi jaio zen. Ama Berta Beatz zuen, alemaniar erizaina; aita, berriz, Liberiako kontsul Momulu Massaquoiren seme Al-Haj. Aitak ez zuen seme jaioberria bere gain hartu, baina aitonak besoak zabalik hartu zituen ama-semeak kontsulatuan.
Lehen urteetan errealitate paralelo batean bizi izan zen Hans. Kanpoan nazionalsozialismoa indarra hartzen ari zen bitartean, kontsulatuan Hansen inguruko gehienak beltzak ziren eta etxeko zuri apurrek nagusi liberiarren zerbitzuan lan egiten zuten. Kalean, mutiko exotikoak arreta eta losintxak jasotzen zituen. Beltzak zurien gainetik zeudela, bere arraza abantailatsua zela iruditzen zitzaion Hansi.
1932an kontsulak Liberiara itzuli behar izan zuen eta ama-semeak argindarrik eta urik gabeko atiko batera aldatu ziren. Hantxe bukatu zen ordura arteko bizimodu erraza. Eta hurrengo urtean Hitler kantziler izendatu zuen Hindenburgek.
Bere adineko beste asko bezala, nazien distirak liluratu zuen. Ama lanean zenean, Hans zaintzen zuen bizilagunari, izeba Möller-i, jertsean svastika josteko eskatu zion. 1936an, hamar urterekin, Deutsches Jungvolk Hitlerren Gazteriaren haurren taldean sartu nahi izan zuen, baina ez zioten utzi. Ikasle ona zen eta ingeniaria izan nahi zuen. Baina 1938an eskolako zuzendariak bere txostena faltsutu zuen ikasle mulatoa bigarren hezkuntzara iritsiko ez zela eta, beraz, unibertsitatean ikasiko ez zuela ziurtatzeko. Burdindegi batean sartu zen aprendiz eta han jardun zuen hainbat urtez.
Gerra piztu zenean ez zuten errekrutatu, eta bere borondatez frontera joateko izena eman zuenean ere armadak ezezkoa eman zion.
Behin Alderdi Naziko kide batek taberna batean eraso egin zion eta Bertha amak geldiarazi zuen erasotzailea. Eta gerran pilotu aliatutzat jo zuten beste batean; ozta-ozta atera zen onik. Baina beltzak ez zituzten jazarri sistematikoki, juduak edo ijitoak bezala. Behe-mailako gizakitzat zituzten, baina ez zegoen haiek sarraskitzeko premiarik.
Gerra ostean Liberiara joan zen lehenik eta AEBetara gero. Kazetaritza ikasi zuen eta, besteak beste, Martin Luther King buru zuen eskubide zibilen aldeko mugimenduan parte hartu zuen. 2013an hil artean, behin eta berriro adierazi zuen Alemania zela bere aberria. | news |
argia-b11899404846 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/born-in-the-euskal-herrian.html | 'Born in the' Euskal Herrian | Itxaro Borda | 2016-06-05 | 'Born in the' Euskal Herrian
Egun bat gehiagoko urtea dugulako edo, aurten gauza bitxiak gertatzen dira hemen, burua galdu bagenu bezala: iruditzen zait leize hegian dantzan gabiltzala, erortzear, diskurtso zaharkitu diglosikoek eta historiaren ikuspegi geldotuek zorabiatzen gaituzten bitartean.
Neokarlistak eta neoaskatasuna aldarrikatzen duten abertzale apurrak jendetza minberarekin jolasten dira. Borroka hitz errepikatuak zainetara isurtzen digun adrenalina premiazkoa dugu, alabaina, bizirik garela sentitzeko. Badakite hargatik ez dela urratsik aitzinera eramango iraganeko mamuak eta piztiak, gure baitan, urkatu gabe.
Orduan jakinen da, zinez, autokritika elearen erran nahi zehatza.
Kartzelatik ateraz geroztik, Nelson Mandelaren paperean urtzen doan Arnaldo Otegi estatu dezente aurrerakoi honen egiazko lehendakaria bailitzan hartu du Kataluniako Parlamentuak. Ondotik, incognito , La Riera jatetxera gonbidatua zen Claudius eta Lidiarekin afaltzera.
Euskal Herrian jaio izatea ez da beti oparia –ardurenean bai ordea, lasai...–, baina argi daukat sinesgarri zaidan independentzia aipamen bakarra Bruce Springsteenen Independance Day kantak dakarkidala. | news |
argia-bd7d3d693b30 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/liburua.html | Berez-berez | Igor Estankona | 2016-06-05 | Berez-berez
Urari ostutako poemak (Susa, 2014) izan bazen intelektualizazioak utzi eta bihotza hunkitzen duen poesia filosofikoa, eta orientalismo fin bat jariatzen bazuten hango hausnarketa zenbaitek, Arrotz eta eder (Susa, 2016) honetan Pako Aristik lotzen du unibertsoaren ezin besarkatua eguneroko jarrera sinple baina funtsean ausart batekin: "Noiz izan gara ederrago/ gaur garena baino?/ Elurraren sein, taosaren haurride,/ laket bizi nahiaren adiskide/ euriaren hitz guztien maitale,/ naizena izatearen izua/ gainditu ondoren".
Kartzelarik handiena gure buruaz daukagun irudia da maiz.
Lotsa eta tabua gainditzen dituenak, ostera, hark dauka heriotzaren giltza: betierekoa izango da bere arima, ez baitio ardura euria den edo oskarbi, biak eskertzen ditu esfortzurik gabe.
Gorrotatzaileari gorrotatzen uzten diona, hark dauka gatazkaren giltza: ezin da bere egoa higatu, ez dauka-eta.
Horregatik dauka Aristik liburu honetan hitzarekin obsesio hori, sasijakintsuaren diskurtsoa barik esperientziaren apaltasuna transmititzeko. Horregatik hautatu du Aristik liburu honetarako erritmo bat mantra baten antzekoa, korronte bat dena zeharkatzen duena, ohore egiten diona edertasunari eta bakeari.
Gaur egon naiz banku batean eserita eguzki zuri batekin eta hodei-beroarekin Arrotz eta eder irakurtzen eta begitandu zait liburu sakratu horietako bat dela. Kalifikazioak kalte egingo dio beharbada esan gura dudanari, baina liburu hau edukia baino harago doala deritzot, botere antzeko bat dauka, eta botere hori ez da oinarritzen hizkuntzaren eta irudien xahuketan, baizik eta onarpenean eta biluztasunean: "Hasi eta buka,/ loratu eta zimeldu,/ eta bitartean bizitzera/ eman zaigun aldia/ gozatzea besterik ez da/ gorputzaren jakinduria" edo "Aski dut goizeko/ zure lehen pentsamendua/ eta gaueko maite zaitut/ isil bat,/ arku horren koordenadetan/ eroso eseri,/ orekari bi korapilo egin/ eta bizitza hau/ –beti egin dudan gisan–/ firin-faran igarotzeko/ zu gabe" edo azkenik "oinarrizkoak diren/ ideia arruntak:/ ez hartzea dena hain serio".
Aristik sentitzen duena sentitu izan dugu guztiok noiz edo noiz, diferentzia batekin: berak ezagutzen du bihotzaren mintzoa, bat bakarra den unibertsoak hitz egiten duen hori. Eta zuk ere bai, irakurle. Presente zaudenean, liburu on bat eskuetan, egia dioena. Arrotz eta eder ez duzu ulertu behar sikiera, bakarrik gozatu: berez-berez da. | news |
argia-fe7786a63467 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/historiaurrea-bikinian.html | Historiaurrea bikinian | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-06-05 | Historiaurrea bikinian
50 urte bete dira zine aretoetan Historiaurreari buruzko zentzugabekeria handienetakoa estreinatu zela: Don Chaffeyk zuzendutako One million years B.C. (K.a. milioi bat urte). Filmean dinosauroak eta gizaki modernoak ageri dira eta, ez batzuk ez besteak, ez zeuden gure planetan duela milioi bat urte. Dinosauroak duela 65 milioi urte inguru desagertu ziren eta Homo Erectus -ak ez zuen Raquel Welchen antz handirik (argazkian). Depilazioa, ileko laka eta bikinia ere kronologikoki ez datoz bat.
Eta, hala ere, Stanley Kubrickek probetxua atera zion filmari: azken muntaketan luizi baten grabaketak baztertu zituzten, 1971n Kubrickek A Clockwork Orange lanean erabiliko zituenak. | news |
argia-a9994ef93e47 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/kontsumo-arduratsua.html | Normal antzean bizi daiteke plastikorik gabe | Marijo Deogracias | 2016-06-05 | Normal antzean bizi daiteke plastikorik gabe
"Plastikoa zoragarria da! Hori ukatzerik ez dago. Arazoa beste bat da: ez daukagu gaitasunik sortzen dugun plastiko-hondakin guztia kudeatzeko, eta osasunerako kaltegarria da". Horregatik plastikorik gabe bizitzea erabaki dute Javier Barrios eta Marion de La Porte Sinplástico kooperatibako kideek. Nola? Alternatibak bilatuz, eta bezeroei eskura jarriz: sukaldeko tresnak, norberaren eta etxeko garbitasunerakoak, jakiak eramateko ontziak... Gutxika egiten ari diren lana da, "zaila baita gaur egun plastikorik gabeko gauzak aurkitzea", baina dagoeneko 500 produktutik gora daukate salgai euren webgunean: www.sinplastico.com. Denda Bilbon daukate.
Zenbatu dituzue inoiz etxean dituzuen plastikozko gailuak? Eta sukaldean egunero erabiltzen dituzuenak? Horietako zenbat dira biziraupen luzekoak eta zenbat erabilera bakarrekoak? Badago plastikorik gabe normal antzean bizitzerik? Jakin-minak eraman zuen Javier Barrios plastikorik gabeko alternatibak bilatzera. Artean Equo alderdian ari zela "makillajea, janaria, jantziak eta beste hainbat produktu ekologiko saltzen zituzten dendak bazirela ikusi nuen, baina ez, ordea, etxerako tresnen saltokirik".
Bila eta bila Kanadan aurkitu zuen eredua eta horrek bultzatuta ekin zion, De La Porterekin batera, Sinplástico ekimena gauzatzeari. Oraindik gogoan dauka behinola semearentzat kristalezko biberoi baten bila aritu zenekoa: "Hemengo farmazietan ez nuen aurkitzen, baina hemen salgai zeuden biberoi-markek Frantzian eta Britainia Handian saltzen zituztela ikusi nuen!"; araudi aniztasunaren ondorio. Plastikoa egiteko erabiltzen den A bisfenola (BPA) delako kutsatzaile hormonala (ikus ARGIAren 2504. zenbakia) 2011n debekatu zuten Europan umeen biberoietan; Danimarkan, Austrian eta Belgikan umeentzako gainerako produktuetan ere debekatuta dago; Frantziako Estatuan 2015ean jakietarako ontzi guztietan debekatu zuten. Espainiakoan debekua, oraingoz, plastikozko biberoietara mugatzen da.
Arreta printzipioa
Osasunean kalterik ez eragiteko gehienezko BPA proportzioa zenbat mugatu beharko litzatekeen ez dago argi, eta Europak arreta printzipioa aplikatu zuen umeen biberoien kasuan; eragin zezakeen kaltearen aurrean, badaezpada, debekatu. Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak, a priori, muga ezarrita dauka: 0,005 mg/eguneko/gorputz kiloko.
"Kontsumo-muga produktu bakarrari ezartzen diote, eta hortxe dago tranpa", dio Marion de La Portek: "Hainbat eta hainbat plastikozko produktu ditugu egunero inguruan eta arauak ezartzen duen muga gainditzen dugu, luze gainditu ere! Horregatik da garrantzitsua arreta printzipioa, indarrean dagoen arauak ez baitu kontuan hartzen substantzien metatzea, ezta haien arteko erreakzioa ere". AEBetan sei gobernuz kanpoko erakundek egin berri duten ikerketa baten arabera, esaterako, BPA daukate jaki-laten %67k.
Ekoizleak hezten
2014ko irailean ekin zioten informazioa hedatzeko webguneari eta azaroan, berriz, saltokia jarri zuten abian. Azaldu digutenez, herritarrek kontzientzia hartzea dute helburu eta jendeak bere burua babesteko neurriak har ditzala. "Kalitatezko produktu osasungarriak lortzeko egiten dugun esfortzua –ez bakarrik dirutan– alferrikakoa da, jaki horiek hutsean ontziratzuz, plastikozko ontzietan prestatuz edo tupper eta antzekoetan gordez kutsatu egiten baititugu".
Marion de La Porte
eta Javier Barrios:
"Kalitatezko produktu osasungarriak lortzeko egiten dugun esfortzua alferrikakoa da, jaki horiek hutsean ontziratuz, plastikozko ontzietan prestatuz eta antzekoetan gordez kutsatu egiten baititugu"
Tentuz dioskute hori guztia; asmoa ez baita alarma sortzea. "Kontua ez da jendea beldurtzea, baizik eta informazioa ematea jakinaren gainean egonda har ditzaten erabakiak", zehaztu du De La Portek. Azaldu digutenez, plastiko ororen arazorik larriena informazio gabezia da.
"Hamaika plastiko mota dago eta bakoitzak osaera bat dauka, ezkutatzen den osaera. Horregatik, gure bezeroekiko daukagun konpromisoa da dendan biltzen ditugun tresna guztien inguruko gardentasuna", dio Barriosek. "Salmenta arduratsua egin nahi dugu, eta filtro lana egiten dugu ekoizleen eta erosleen artean". Horretarako, banatzaileek bidaltzen dizkieten produktuak probatzen dituzte aldez aurretik. Hilabeteak igaro ditzakete bezeroei produktua eskaini baino lehen. Ekoizleekin zuzen-zuzeneko harremana lantzen dute, produktuen osagaiak ondo identifikatzeko, inolako plastiko arrastorik izan ez dezaten.
Lan horretan aurkitu dituzte Berrizen zartaginak, sakotontzi herdoilgaitzak Jundizen, esponjak Galizian, kosmetika Bilbon, AEBetan ur-botila herdoilezinak, Palentzian brotxak, hilekorako kopak Almerian, Britainia Handian erosketetarako poltsa-kitak –hari eta tinta naturalez beren-beregi egindakoak–, haginetarako haria Alemanian...
"Produktu naturalen alde egiteaz gainera, ontziak eurak ere garbiak izatea proposatzen dugu", diosku Barriosek. "Behin baino gehiagotan guk geuk ohartarazi behar izan diegu ekoizleei, bidali diguten zer horrek plastikozko heldulekua zuelako edo ile naturalez egindako egurrezko orrazia plastikozko banakako poltsetan bilduta bidali digutelako!". Kontzientziazioa, beraz, bezeroekiko eta ekoizleekiko lantzen dute Sinplásticon. "Alternatibak egon badaude eta guk haiek bilatu eta batzen ditugu bezeroari eskura jartzeko. Beraz, ez izan pesimistak, alternatibak egon badaude!".
Uste baino errazagoa dela diote plastiko-kontsumoa gutxitzea. Izan ere, iraupen luzeko plastikozko gailuak ordezkatzea zailagoa den arren, erabilera bakarreko gauza asko erabiltzen ditugu egunero. Dioskutenez, "kontsumitzea botoa ematea da; eta guk kontsumitzeko beste modu bat aukeratu dugu". Horretarako #yovivosinplastico konpromisoa gure egitea proposatzen digute: 1) ingurumenarekiko konpromisoa, plastikozko poltsa gutxiago kontsumituz; 2) osasunarekiko konpromisoa, beirazko edo altzairuzko ontziak erabiliz; 3) hurrengo belaunaldiekiko konpromisoa, material ekologikoak aukeratuz; 4) neure buruarekiko konpromisoa, hilero ekintza bat garatuta plastiko barik bizitzeko. Horra, bada, Sinplástico egitasmoa. | news |
argia-002f1e55328e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/uztaldi-nekazarien-kooperatiba.html | Nekazari gazteak gizarte eragileekin bat eginik | Garazi Zabaleta | 2016-06-05 | Nekazari gazteak gizarte eragileekin bat eginik
"Egungo gazteek ez dute etorkizunik lehen sektorean". Makina bat aldiz entzun ditugu antzeko esaldiak (eta, agian sinistu ere bai) azken urteetan. Baserriak, nekazaritza txikia, landa eremua... etengabeko galeran joatea nahi duten horiek, lurretik bizitzea ezinezko dela sartu diete gazteei buruan: "Hobe duzu fabrikan aldi baterako lana bilatu...".
Badira, ordea, nahitaezko eredu horri aurka egin eta lurretik (eta beste era batean) bizitzea posible dela erakutsi duten hamaika proiektu. Horien artean dago Lizarrako Uztaldi nekazarien mikro-kooperatiba: "Lan munduan dagoen prekarietatea, langabezia eta egoera txarra ikusita, alternatibak sortu eta gazteon ahalduntzea izan da helburua", azaldu digu Uztaldiko kide Erik Ruizek.
Proiektu zabalago baten parte
"Denendako" kooperatibaren parte da Uztaldi. Bertan, hainbat alorretako gazteen proiektuek egin dute bat: nekazaritza, ostalaritza, abentura... "Sinergiak sortzen ditugu guztien artean: adibidez, ostalaritzakoek gure barazkiak erabiltzen dituzte sukaldean", dio Ruizek. Lizarraldeko 15-20 bat gaztek osatzen dute kooperatiba zabala, bakoitzak bere proiektua izanik ere ideia bera konpartitzen dutenak: dirua beharrean, pertsonak jartzea lehen planoan.
Baratzean eta baratzetik
Lizarrako apaiz kaputxinoak herritik joatekoak zirela jakinda, Uztaldiko lagunek beren proiektua aurkeztu eta akordiora iritsi ziren: lurren zaintza eta mantenuaren truk, horien erabilpena beren esku geldituko zen.
Geroztik, herriko lau gazte dabiltza jo eta ke barazki ekologikoak ekoizten eta zuzenean saltzen. "Nekazaritza jasangarria bultzatzea, produktu ekologikoak eskaintzea edota bertako haziak landu eta ezagutzea dira gure helburuetako batzuk". Herriko hainbat gunetan saskiak banatu eta asteroko azokan parte hartzeaz gain, denda txiki bat ere hartu dute nekazariek beren produktuak zuzenean saltzeko.
Laneko proiektu bat bezain beste, proiektu sozial baten moduan ulertzen dute kideek Uztaldi: "Herriko beste eragileekin, gaztetxearekin, txosnekin, AEKrekin... ekimenak egiten ditugu. Gizartearekin bat eginda aurrera egitea da gure helburua".
Agian, bada garaia orrialdeko lehen esaldiari buelta emateko: "Bai, gazte, bada etorkizunik lehen sektorean". Bide berriak aurkitu behar... | news |
argia-a39c44b1779d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/zuzeneko-emanaldia.html | Itakatik Torreburura, bizitzaren bidaia | Dabi Piedra | 2016-06-05 | Itakatik Torreburura, bizitzaren bidaia
Entzule guztiak adi-adi, ikusminez, zain eta halako batean agertu da Xabier Amuriza taula gainera. Beltzez jantzita, solemnitate ukitu bat ere nabari zaio. "Bat-batean konturatu nintzen Ulises nintzela", ekin dio errezitaldiari. Hala, munduko gorabeherak ikusten, baina ez beti ulertzen, hasiko da Ulises izeneko mutikoa, bizitzaren bidaia harrigarrian.
Bost ekitalditan banatutako entzunkizuna da Zein ongi bizi zen Ulises . Hitza tresna bakar duela, ordu eta laurdenez entzule guztiak istorioari kateatuta izan ditu Amurizak eta minutuak bizkor pasa dira. Gogoetatik badu saioak, umoretik ere bai. Pasadizo barregarriak, istorio liluragarriak eta hausnarketa burutsuak tartekatuta, Ulisesen bizi ibilbidea ezagutu dute bertaratutakoek eta beren buruari galdetu diote fantasiazko errelato bat entzuten ari ote diren, ala errealismo biziko kontakizun bat.
Izan ere, Ulisesen munduan, pertsonek Grezia klasikotik hartutako izenak dauzkate eta abereek, aldiz, pentsalari ospetsuenak, hala nola Descartes, Newton eta Kafka. Era berean, haur denboran lehenengo eta postari lanean ondoren, Ulisesek baserri giroko gizarte tradizionaleko pertsonaiekin topo egingo du: apaizak, artzainak, bertsolariak eta abar.
Ume baten xalotasunetik agertuko du mundua Ulisesek entzunkizunaren aurreneko zatian. Bigarrenean, pixka bat koskortuago eta postari lana hartuta, bizitzaren gazi-gozoak ikasiko ditu, pertsonaia bitxien bidez. Hirugarren eta laugarren zatiak laburragoak dira, umore garratzagora eta exageraziora jota.
Bosgarren atalean, gogoetarako tartea hartuta biribiltzen du entzunkizuna. Urteen talaiatik, behin bizi izanda nahikoa dela deritzo Xabier Amurizak, bigarren aldiz biziko bagina berriro gauza bera egingo genukeelako. "Heriotza usnatu behar da bizitzaz gozatzen hasteko", bota du, Gabriel García Márquezi aipua eginaz. Horretan dihardu, bizitzari zukua atera nahian, Zein ondo bizi zen Ulises entzunkizuna lekuko: "Ez naiz erretiratu, ontziz aldatu baizik".
Ulisesek, postariaren etengabeko bidaian, bizitzaren zirrikitu gehienak ezagutu ditu, Xabier Amurizak ere ezagutu dituen bezala. "75 urte behar izan ditut konturatzeko Ulises izeneko haur hura neu nintzela". Etxera itzultzeko unea iritsi zaio, baina ez du Itakako bidea hartu. "Euskal Herrira, Zornotzara, Etxanora, Torreburura itzuli naiz eta bidean zuek guztiak aurkitu zaituztet". | news |
argia-b18af81c4d0a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/amaia-antero-pedagogia-eraldatzaileak-lantzen.html | "Etorkizuneko pertsonak antzinako prozedurekin hezten ari gara" | Arantza Santesteban | 2016-06-05 | "Etorkizuneko pertsonak antzinako prozedurekin hezten ari gara"
Edukiz betetzen dizkigute buruak munduratu orduko. Zenbakiak, koloreak, matematikak, historia eta geografia. Bizitza, baina, hortik haratago kudeatu behar den prozesu konplexua da. Besteekin eta, era berean, nork bere buruarekin. Orain arteko hezkuntza sistemak eman ez dizkigun tresna horiek guztiak erakusteko anbizioarekin etorri da konfiantzaren pedagogia. Halaxe du izena, hain zuzen, Amaia Anteroren liburuak: Konfiantzaren pedagogia.
Zer da zehazki konfiantzaren pedagogia?
Terminoen araberako definizioa hartzen badugu, pedagogia hitzak pertsona bati hezkuntza-ibilbidean zehar ematen zaion laguntza adierazten du. Nolakotasunaz ari da, nola esku hartu behar duen helduak haurraren edota gaztearen ibilbidean. Horri konfiantza hitza gehitu diogu, gure diferentziala bilakatuz. Gure ustez ezinbestekoa da ikasleak bere buruarengan, ingurukoengan eta testuinguruan konfiantza izatea ikas-irakaskuntza prozesuan. Hori lortzen denean, ikaslea prest eta zabalik egoten da ikasteko.
Zer hutsune ikusten dituzu egungo hezkuntza ereduan?
Erretrobisorearen irudia lagungarri izan daiteke gai honetaz aritzeko: aurrera goaz baina begirada beti atzerantz jarrita. Salbuespenak salbuespen, esan liteke etorkizuneko pertsonak hezten ari garela antzinako prozedurekin. Hutsunea non dago? Aurreko ereduan irakaslea izan da zentroa eta ikaslea pasiboa. Ezagutzaz bete dira ikasleen buruak, baina ikaslearengan dagoenetik abiatu gabe. Horregatik esaten dugu ikaskuntzan zentratu eta rolak aldatu behar direla.
ABANTAILAK:
"Gure lantaldeak esku hartzen duen ikastetxeetan adinak nahasten ditugu espazioetan, kalean eta plazetan gertatzen den bezala, edota komunitate indigenetan. Modu honetan, zaharrenei zaintzarako sena aktibatzen zaie txikiekin, eta txikiei imitaziorako ereduak ematen zaizkie. Bestalde, adinak nahasteak erritmo kognitibo desberdinak eta haurren interesak errespetatzea ahalbidetzen du".
Proposatzen duzuen ereduak zertan eraldatzen ditu pertsonak?
Oso inportantea da ikaslea pertsona moduan ikustea, ikasten ari den norbanako moduan; horrek humanizatu egiten du hezkuntza. Proiektu akademikotik haratago, ikasleei bizitza proiektu oso bat eraikitzen lagundu nahi diegu. Horretarako, gaitasun eta adimen mota guztiak hartzen ditugu kontuan eta testuingurua eskaintzen dugu horiek lantzeko; hezkuntza tradizionalean adimen logiko-matematikoa eta hizkuntz adimena lantzen dira nagusiki, baina beste gaitasun guztiak non geratzen dira? Bizitzan horiek guztiak behar ditugu.
Umeak eskolan hasten diren une hori...
Haurren bigarren sozializazio prozesua eskolan hasten da. Oso goiz izaten da, eta gure lantaldean izugarri zaintzen dugu momentua. Ez dugu adaptazio asterik, uste baitugu haurrak berak adieraziko duela noiz amaitu den fase hori. Sentsibilitate handiz egin beharra daukagu erreferentziazko figuretatik (gurasoak, amak, aitak...) eskolako figuretaranzko (irakasleak, gainerako hezitzaileak...) konfiantzaren transferentzia. Horregatik, guretzat garrantzitsua da familiak eskola barrura sartzea eta behar adina denbora egitea bertan. Hezitzaileongan portu segurua aurkitzen duenean haurra esploratzeko eta ikasteko prest dago. Eta gauza bera gertatzen da goiko etapetan ere.
Konfiantza ezinbestekoa da. Zergatik?
Galdera bat luzatuko dizut oraingoan nik zuri: pentsa ezazu erabateko konfiantza duzun pertsona batengan; ekarri gogora. Zerk eragiten dizu beregan konfiantza hori izatea?
Leialtasunak, aurrebaldintzarik ezak...
Normalean ateratzen diren erantzunak horiek dira, bai. Behar dudanean hor dagoela, nagoen moduan onartzen nauela, ondo egon edo gaizki egon ondoan dagoela, ez nauela epaitzen, nire erritmoak errespetatzen dituela, nigan sinesten duela. Sentimendu horiek guztiek norberaren autoestimuan eragiten dute, baita konpetentzia sentimenduan ere. Pertsona batek hori dena norbaitengan jartzen duenean gai sentitzen da erronkei aurre egiteko. Osagai horiek harremanean bat egiten dutenean konfiantza sentitzen da eta horiek lagundu egiten dute norbera baliotsu eta egoerei aurre egiteko gai sentiarazten. Hori ezinbestekoa da bizitzan aurrera egiteko.
Noiz zapuzten da konfiantza?
Hain zuzen ere, hori guztia falta denean. Behar izan duzunean norbait eta ez denean egon. Barrua ireki diozunean norbaiti eta epaitua sentitu zarenean. Zure erritmoa behar izan duzunean eta bestelakoa exijitu dizutenean. Zauriak sortzen dira orduan, eta gogorra da, baina zorionez bizitza osoan dugu zauri horiek sendatzeko aukera, lan pertsonalaren bitartez.
Mugak beharrezkoak omen dira, baina batzuetan ez al da beldurren transmisioa egiten?
Behin baino gehiagotan galdetu izan digute "orduan konfiantzaren pedagogian dena da posible? Ez dago mugarik?". Pertsonak mugak behar ditu, noski, segurtasuna ematen diotelako eta norberaren burua errespetatua izan dadin besteena errespetatzeko muga horiek behar ditugulako. Askotan ordea, mugak baino beldurren transferentzia bat ematen da sasi-arau eta sasi-muga batzuen bitartez, eta horiek bereiztea inportantea da. Zer den beldurra eta zer muga.
Bere buruarengan konfiantzarik ez duen heldu batek konfiantza transmititu diezaioke haurrari?
Bizi ez duenak nekez transmitituko du konfiantza. Besteekiko eta bizitzarekiko konfiantza ez duenak, lan hori bere buruarekin egin ez duenak, nekez helaraziko dio hori inori. Ezin ditugu neska-mutikoak eraman gu sekula iritsi ez garen lekura. Horregatik, konfiantzaren pedagogian garrantzi handia du norberak egiten duen barne lanak. | news |
argia-26e298b02553 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/diskoa.html | Mimoz landutako egurra | Iker Barandiaran | 2016-06-05 | Mimoz landutako egurra
Erabat harrapatu nau disko honek: lehen kantuetako danbatekoak eta kontzeptu gisa hain irekia izateak. Goazen enborraren sustraietara: Xabi Strubell hondarribiarra da Zura taldearen aita, gazte-gazte zela Dut taldearen sortzaile eta gitarra jotzailea. Gerora, aditza denboraz aldatu zen eta Hondarribiko hirukotea deseginda, bakoitzak bere aldetik ekin zion. Strubellek Zura taldea sortu zuen eta hasiera-hasieratik bestelako estiloetan arakatu zuen. Hara non, Metakekin lan bat kaleratu ostean, 2008an harrituta –onerako– utzi zuen euskal musika kritika Kiribil izeneko bossa-nova piezez osatutako diskoarekin. Gerora, luzaroan ez dute beste diskorik kaleratu, nahiz eta Bidehutsek Mikel Laboaren omenez abiarazitako Txinaurriak bilduman parte hartu zuten. Iaz Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua eleberria inspirazio hartuta (omenaldi gisa, jakina) honako diskoa kaleratu zuten bossa nova sasoiko Nerea Olaxa abeslaria barik Willis Drummondeko Jurgi Ekiza ahotsetan laguntzen dutelarik.
Izan zuenak jarraituko duela izaten esan ohi da, eta hala da zalantzarik gabe disko honetako kantuei erreparatuz gero. Post-hardcorearen irmotasuna eta indarra oso presente daude hainbat piezatan eta berezko saltsan daudela antzematen da, gainera; oso eroso eta emaitza oso onarekin. Diskoa ukabilkada batekin zabaltzen duen Zeru lurrak jarlekura itsatsita uzten gaitu; Euria Fugazi eta azken garaiko Bap!-etik asko edaten duen rock bizi-bizia da tempo erdiekin jolasten dakiena; Itxaso erabat melodikoa da, baina gitarrak erabat makurrak eta bateria trumoien parekoa, garatuz eta eraldatuz. Trumoiaren ostean aldaketa dator: Hipotesi txalogarriena kantu elektro eta dantzagarria. Errautsak psikodelian bustia dago, pausatua baina misteriotsua.
Diskoaren erdian zelatan dagoen Ta heriotza niretzat hit! bat da: The Ex-en askatasuna, Fugazi-ren aberastasuna, Helmet-en irmotasuna eta Gutariko Bat-en urgentzia abiadura bizian doa inoiz gelditzerik nahiko ez genukeen trena; ederra! Bi hosto rock apurtua da, melodikoa eta aldi berean gordina; Negar isilak 70eko hamarkadako rockaren esentzia dauka; Lilura k badu 90eko new wave bizitik eta rock itsaskorrera eraldatuz punk-rockaren indarra hartzen du bidean; Landareak pausatua da, ia xuxurlatua, baina erritmoa oso aberatsa eta askea, eztanda heldu artean. Bukatzeko, Paris , tonu geldo baina interesgarrian.
Ekizak bestelako ukitua, sarkorragoa, eman die abesten dituen kantuei. Bestalde, musikari esperimentatuak direla erakutsi dute aho-betez: lortutako giroak, erritmoak, abestien garapen irekiak... Taldea zuzenean ikusteko deseatzen nago. Ongi etorri bueltan Zura! | news |
argia-5aae41a9d9d9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/sostengua-eta-presioa-nafarroako-gobernuari.html | Sostengua eta presioa Nafarroako Gobernuari | Xabier Letona | 2016-06-05 | Sostengua eta presioa Nafarroako Gobernuari
Kontseiluak datorren larunbaterako Iruñean euskararen alde deitu duen manifestazioa berezia izango da, bere baitan dituelako uztartzeko errazak ez diren bi printzipio: presioa eta sostengua. Batetik, aldaketaren instituzioei erakutsi nahi die sostengua euskararen alorrean Cordovillako Brigadak egiten duen presioari eusteko; bestetik, adierazi nahi die ez dabiltzala behar beste egiten euskararen normalizazioan urratsak tinkoagoak izan daitezen, besteak beste alor ekonomikoan.
Nafarroako Gobernuan islatu dira batez ere tira-bira horiek, baina ez bakarrik kanpotik UPNk, PSNk eta enparauek egindako presioagatik, baita Gobernu barruko desberdintasunengatik ere. Hezkuntza Kontseilaritzak ateratako lan eskaintza publikoa izan da horren erakusgarri. Ñabardura asko dago gertatutakoan, baina muina honakoa izan zen: Mendozaren sailak plan indartsua atera zuen, Ezkerrak eta Ahal Duguk ez zuten onartu eta, batez ere Ezkerrak, isilpeko mehatxua egin zuen, Legebiltzarrean Mendoza arbuiatzeko ekimenekin bat egingo zuela adieraziz. Gobernuak atzera egin zuen. Seguruenik ez zuen beste biderik, baina trukean, hezkuntzako zerrenda bakarrarekin gogorrago borroka zezakeen.
Ezkerrak eta Ahal Duguk ez zuten Mendozaren plana onartu eta, batez ere Ezkerrak, isilpeko mehatxua egin zuen, Legebiltzarrean kontseilaria arbuiatzeko ekimenekin bat egingo zuela adieraziz. Gobernuak atzera egin zuen
Iruñeko Udala eta haur eskolen afera izan da beste lubakietakoa, boterearen ertza ageriago erakutsi duena. Laburpena. Iruñean diren 17 haur eskoletatik bi dira euskarazkoak gaur egun eta Udal Gobernuak datorren ikasturterako horietatik bi gehiago euskaraz izatea erabaki zuen. Cordovillako izpirituaren erreakzioa sekulakoa izan zen, baina Udalak eutsi egin zion. Bazuen zilegitasun soziala, politikoa eta barne kohesioa. Orduan epailea sartu da eta, kautelazko autoa medio, prozesua geldiarazi du. Atzera edo aurrera egin, afera mamitsu dator datozen hilabeteetarako.
EAEn Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urquijoren estilora, Baztango Udalaren euskara plana ere atzera bota berri du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak. Nafarroan, UPNren foru gobernuak egiten zituen Urquijoren lanak. Ildo klasikoagoa da hori, baina hor dago. Klasikoena, hala ere, ETBrena da: jadanik lau astez itzalita dago Nafarroako lurralde gehienean Espainiako Gobernuaren aginduz.
Sosen erpina ere hor da , lortu nahi diren helburuei oso lotua. Ikus dezagun gobernu itunean euskararen normalizazioaz idatzitako hainbat esaldi: "Gobernuak politika proaktiboa egin behar du, nahi duten herritarrek administrazioarekin euskaraz komunikatu ahal izatea ziurtatuz"; "helduen alfabetatze eta euskalduntzea eta euskarazko hedabideak estrategikoak iruditzen zaizkigu"; "hizkuntza-politika zeharkakoa izan dadin eta departamentu guztien eta gobernu osoaren lana har dezan barnean"; "administrazioko langileen euskara diagnostikoa egitea eta ele biko ibilbideak prestatzea". "Euskarazko komunikabideen eta euskara hein jakin batean erabiltzen dutenen finantzaketa lehengoratzea eta hobetzea…". Luze jarraitu daiteke gobernu-ituneko asmo eta helburuez. Azken finean, hari politiko bat finkatzen dute, borondatearen arabera Atik Zrainoko emaitza eman dezakeena.
Ikus dezagun orain lehen urtean nola erantzun dien Nafarroako Gobernuak asmo horiei, adibidez Euskarabidearen finantzazioarekin, horren helburua baita "euskararen baliabideak planifikatzea, sustatzea eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatean". UPNren Gobernuarekin 2015ean Euskarabideak 2,1 milioi euroko aurrekontua zuen, Uxue Barkosenarekin 4 milioi ditu, %100eko igoera.
Aurreko paragrafoko helburuak diru horrekin nola eraman daitezkeen aurrera baloratzea irakurlearen esku uzten dut. Edonola, merezi du aipatzea gobernuek "gauza garrantzitsuetan" nola gastatzen duten dirua. Adibide bat: Bideko autobidea (Iruñea-Logroño) itzalpeko bidesariaren bidez ari da ordaintzen eta, aurreikuspenen arabera, 1.200 milioi euro gastatuko dira 2004-2034ko epean.
Nafarroan aldaketa nahi zuten herritarren gobernua da hau, zalantzarik gabe. Alternatibaren itzal luzeak berau indarrez sostengatzera eraman beharko luke aldaketan sakondu nahi duen herritarra, baina ez bere gabezia handiak azaleratu gabe. | news |
argia-e3d21a2481ae | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2510/burujabetza-hautetsontzietan.html | Herrien txanda da | Xabier Letona | 2016-06-05 | Herrien txanda da
Dena doa azkar gaur egungo munduan. Hiru urte dira Gure Esku Dago sortu zela 2013ko ekainean eta 2016ko ekainaren 5ean burujabetza eta independentziari buruzko lehen galdeketak egitera doaz Euskal Herriko 34 herritan. Zer girotan dator kontsulta? Zein emaitza izango ditu? Eta 2018a eta gero zer?
Hiru urterako aurreikusitako prozesua da Gure Esku Dago elkarteak bultzatutako hau. 2017an eta 2018an ere ahalik eta galdeketa gehien egingo ditu, "herritarrak aktibatu eta galdeketa egiteko behar diren baldintzak sortzeko". Hori dio bederen, 2015eko azaroan onartutako Eskura agirian.
Kataluniako independentzia prozesuaren berora sortua, hango 400 kilometroko pertsona kateak ekarri zuen Durango eta Iruñea lotu zuen 123 kilometroko herritarren katea: 150.000 lagun eskutik helduta euskal herritarren erabaki eskubidea aldarrikatuz. Euskal Herriko historian eskaera honen alde inoiz egindako mobilizaziorik handi eta ikusgarriena izan zen.
Pertsona katearen ondoren, Gure Esku Dagok bazuen bere aparretan itotzeko arriskua eta ondorengo bi urteak ez dira
errazak izan
Ezaguna zen, baina hark oso modu argian ikusarazi zuen Euskal Herrian bazela erabaki eskubidearen aldeko sustrai sakona. Gainera, abertzaletasunetik haragoko jende esanguratsua igo zen olatu haren gainera. Baina Gure Esku Dagok bazuen bere aparretan itotzeko arriskua eta ondorengo bi urteak ez dira errazak izan, hainbat konturengatik.
M15 eta krisiaren eragina
Mobilizazio erraldoien ikuspegitik, 2015eko ekaineko bost hiriburuetako ahaleginak erakutsi zuen lehen harresia. Bat, jende asko bai, baina helburua ezin gainditu; bi, abertzaletasunaren hainbat esparrutan sentipen hotza utzi zuten ekitaldiek. Katalunian ez bezala, erabaki eskubidearen edota independentziaren mezuek bazuten hainbat arazo gizartean grina pizteko. Seguruenik, 2015eko hauteskundeetan EH Bilduk EAEn izandako porrotak ere izango zuen eraginik, gizarte esparru hori izan baita independentziaren alde gehien mobilizatu ohi dena.
Euskal Herrian ere, bai Kataluniaren eraginez eta baita 2008tik aurrera bizi den krisi gogorraren bultzadaz, independentziaren kontzeptua eraldatzen ari da. Esan liteke, gizarteko gero eta sektore zabalagoentzat independentziaz erabakitzea bezain garrantzitsua dela eguneroko arazoen gainean erabakitzea: etxebizitzaz, azpiegiturez, ekonomiaz, zergez, genero berdintasunaz… eta hori bereziki gertatzen da gazteen esparruan. Alor honetan ere, M15aren eragina esanguratsua izan da. Erabaki eskubidea arropa horiek guztiekin jantzi beharko da berez erabaki zale edota independentistak diren sektore asko galdeketen olatu hauetara erakartzeko. Bestetik, teorikoki bederen, M15ak eta Ahal Duguk erabaki eskubidearen esparrua gizendu dute politikoki. Nafarroa izan liteke horren adibide ikusgarriena: nork pentsatuko zuen duela oso gutxi, erabakitzeko eskubidearen aldeko gobernu bat izan behar zuela?
Autogobernu lantaldearen emaitza ezer gutxitan geratu da, kontsultaren agindua ez du bete Urkullu lehendakariak eta ezker abertzaleak nahiko lan du bere burua gobernatzen
Gehienetan pentsatu izan da Gure Esku Dago moduko ekimenek jeltzale eta ezker abertzalearen arteko zubigintza egin behar zutela, eta hala dela ez da zalantzarik, baina nork egingo du zubi lan hori Gure Esku Dagoren mezu eta estiloa, eta aipatu sektore gazte –eta ez hain gazte– horien artekoa?
Gizartea eta instituzioak
Erabaki eskubidearen bultzadak ezinbestean behar du gizarte eta instituzioen arteko lotura estua. Zeresanik ez independentziarenak. Katalunian argi ikusi da hori eta hortaz arduratu izan dira lehenengo Erabaki Eskubidearen aldeko Plataforma eta ondoren ANC. Akatsak akats, bide emankorra egin dute han. Hirugarren faktore esanguratsua ere izan dute, Espainiako Estatuaren jarrera, haren agrabioa. Eta legamia gisa, krisi ekonomiko eta sozial oso sakona.
Hemen inork ez du presio hori egin, ez alderdien gainean ezta instituzioei begira ere. Gure Esku Dagok ez du horretarako indarrik izan oraindik eta asmo publikorik ere ez du agertu, ez behintzat hiru urteko olatu txanda hauetarako agertutako agiri eta asmoetan.
Edozein modutan, unean unekoa: milaka euskal herritar erabakitzera doaz eta hori, printzipioz, urrats berritzaile eta erraldoia da
Esparru instituzionalean, agortzera doan legealdiak bazuen txinpartarik Eusko Legebiltzarrean: ETArik gabeko lehen legealdia 30 urtean; EAJren eta EH Bilduren inoizko nagusitasun handiena; EAJren kontsulta agindua 2015erako; eta Autogobernu Lantaldea abagune berriaren potentzialitate osoa bideratzeko prest. Autogobernu Lantaldearen emaitza ezer gutxitan geratu da, kontsultaren agindua ez du bete Iñigo Urkulluk eta ezker abertzaleak nahiko lan du bere burua gobernatzen. Abertzaleen arteko hegemonia lehian EAJ aise nagusitu ondoren, jeltzaleak eroso daude kudeaketan, Madrilgo gobernu berriaren zain, harekin autogobernu formula berriak lotzeko esperantzan.
Orain kontsultak, eta 2019an zer?
Testuinguru konplexu horretan ari da igeri galdeketen ekimena, herritarren aktibazioan bestelako urrats bat ekarriko duelakoan. Baina hotz sumatzen da giroa, badirudi euskal erabaki zalea gehiago hunkitzen dela Kataluniako galdeketekin bertakoekin baino. Inpresio kontua ere izan daiteke, herrietakoak izanik, sentiberatasun oso desberdina egon bailiteke kontsultak diren herrietan eta gainerakoetan.
Hotz sumatzen da giroa, badirudi euskal erabaki zalea gehiago hunkitzen dela Kataluniako galdeketekin bertakoekin baino
Ekainaren 5eko kontsultetan bi galdera motari erantzungo zaio: Debagoiena, Aramaio eta Azpeitian independentziari bai edo ez erantzun beharko diote; Goierrin eta Ispasterren burujabetzari bai ala ez. Ondoren etorriko dira 2017ko eta 2018ko galdeketak. Eta gero? Emaitzek asko esango dute, baina pentsatzekoa da Gure Esku Dagok aurreikusia izan beharko duela zerbait ondorengoaz. Katalunian etengabe arduratu dira bide orriaz, baina hemen ezer gutxi hitz egiten da horri buruz, besteak beste prozesua bera desberdina delako eta baita hemen fruitua heldu gabe dagoelako ere.
Egingo dira aurtengo kontsultak eta etorriko dira hurrengoak ere, baina bitartean ez litzateke txarra Gure Esku Dagok gerorako zer aurreikusten duen zirriborratzea eta gizarteratzea: nork bultzatu behar du proiektu independentista gizartean eta instituzioetan? Nola? Zertan geratuko da EAJren foru proiektu berria? Konfrontazio demokratikoak zein leku du bide honetan, batez ere Espainiako Estatuak orain arteko jarrera itxiarekin jarraitzen badu?
Erabaki eskubidearen bultzadak ezinbestean behar du gizarte eta instituzioen arteko lotura estua, zeresanik ez independentziarenak
Gure Esku Dagok pentsa dezake datozen hiru urteetan joango direla askatzen galdera horiek, batez ere prozesu honek euskal gizartearen gehiengoa erabaki eskubidearen inguruan aktibatzea lortzen badu. Baina gizarteari begira, eta funtsean sektore independentistei begira, komeni da kontu horiei buruz ere jardutea eta ahal den neurrian argitzen joatea. 2019rako bide orria izatea klabea da, bestela ilusioa etsipen bihur lieteke eta. Edozein modutan, unean unekoa: milaka euskal herritar erabakitzera doaz eta hori, printzipioz, urrats berritzaile eta erraldoia da. | news |
argia-68c245685013 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/beste-modu-bat.html | Beste modu bat | Xabier Letona | 2015-03-29 | Beste modu bat
"Banku jarduera arduratsua, hurbila eta gizartearekin konprometitua da gurea; pertsonak lehenesten dituena eta parte garen gizartearen garapenean laguntzeko asmoa duena. Kutxa Kooperatiboaren proiektuan, beti izango dugu beste pauso bat emateko".
Beste modu bat aldarrikatzen zuen Laboral Kutxak duela hiru urte Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak bat egin zutenean, eta bai, banku erraldoien jarduerarekin erkatuta, askok ikusiko dituzte beste moduak kreditu kooperatiboaren esparruan eta zehazki bestelako moldeak aldarrikatzen dituen Laboral Kutxan. Baina finantza entitate handien praktika txar eta desegokiak ere badira; izan ziren finantza oparotasunaren sasoian eta badira egun ere.
Miren Peña Antsoaingo (Nafarroa) 43 urteko emakumezkoak bere buruaz beste egin zuen iragan larunbatean prekarietate egoerak estututa. Ez dakigu bi ume utzi zituen emakumearen osasun egoera erabat zehatzaz, baina bai ostiralean etxearen hipoteka berrikusteko eskaeraren ezezkoa jaso zuela Laboral Kutxaren aldetik. Hipotekek eragindako pertsonak biltzen dituen Nafarroako PAH elkartearen esanetan, praktika egokien kodea deritzona ukatu zioten. Horren arabera, Peñak 80 euro ordainduko zituen bost urtetan zehar. Ukapenaren ondoren, hurrengo egunean bere buruaz beste egin zuen. Duela bi urte kaleratu zuten Orkoienen Faureciak duen enpresatik.
Prekarietatearen milaka aurpegietako bat gehiago zen Peña. Ion, Iraitz, Ainhoa, Oihana, Kontxi, Andrei, Mario José, Iker, Olatz, Maite, Pedro, Jesus… eta beste dozenaka aurpegiren testigantzak irakurri ditu irakurleak astez aste orrialde hauetan. Ausartenen bizipenak. Dozenaka milaka dira egoera estuan bizi direnak, eta milaka egoera larrian. Estatistikak hotzak dira, baina aipatu beharrekoak: langabezia tasa %14,9koa da Nafarroan; 48.000 pertsona pobrezia gorrian bizi dira eta ia beste hainbeste prekarietatearen atzaparretan direnak. Suizidioak ez datoz ezustean.
Gorpuak ere hotzak dira, baina heriotzak beroak; eta herritar arrunten kontzientziak astintzen dituzte, min egiten dute eta egoera ez dela justua esatera bultzatzen dute, besterik ez bada etxeko sukaldean. Kontzientziatuenak eta suminduenak protesta egitera aterako dira kalera Iruñerrian aste honetan, hauek ere beste modu bat badela aldarrikatzera, izan behar duela. Publizitatetik harago ere derrigorrezkoa dela beste modu bat izatea.
Horregatik, Laboral Kutxak ere eman beharko luke informazio gehiago, bere esku izan den neurrian Peñarekin nola jokatu duen azaltzeko, bakoitzak dagokion erantzukizun zatia bereganatu behar baitu. Eta gero herritarrak baloratuko du. Eta bezeroak. Beste moldeak badirela sinesteko modu eraginkorrena da.
Krisi basati honek gobernu berriak ekarriko dituela pentsatu da sarri, eta badira horren zantzu batzuk, baina ez dakigu oraindik Grezia paradigma ote den edo kasu isolatu bat. Andaluziakoa ikusita bederen, Espainiak Greziaren biderik ez duela jarraituko garbi xamar dago.
Andaluzian %34ko langabezia dago eta Espainiako datu larrienetakoak biltzen ditu bazterketa sozialari dagokionez. Eta hala ere, PSOEk eta PPk –zartakoak zartako– biltzen dituzte botoen %70. Podemosek di-da batean 15 eserleku lortzea azterketarako fenomeno politikoa dela erakusten du, baina gobernura iristeko oraindik oso urruti daudela erakusten dute datuek. Horrexegatik, aldaketa nahi dutenek hobe lukete hegemoniaren diskurtsotik ihes egitea eta aliantzenari heltzea, Pablo Iglesiasek berak Andaluziako emaitzak baloratzerakoan –"bidea urratsez egiten da"– Twitterren aldarrikatu zuen moduan. Indar politikoen arteko aliantzak eta alderdi politiko eta gizarte mugimenduaren artekoak.
Aliantzak, esaterako, ezinbestekoak izango dira Nafarroako hurrengo Gobernurako. Noticias de Navarra k igandean kaleratu zuen inkesta (Gizaker): 50 eserlekutik UPNk 13, Podemosek 9, Geroa Baik 9, Bilduk 8, PSNk 7 eta Ciutadans eta Ezkerrak bana. Irakurketa ugari egin daitezke, baina emaitza horiekin UPNk jai luke. Aldaketaren gobernua eratzeko bi aukera leudeke: Podemos, Geroa Bai eta Bildu (gehi Ezkerra?) edo Geroa Bai, Podemos, PSN eta Ezkerra. Eztabaida liteke aldaketa hauspotzeko zein litzatekeen eraginkorrena, baina aldaketa nahi duenak bata zein bestea sinatuko luke gaur bertan. | news |
argia-605a8e085b23 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/nor.html | Nor | Jakoba Errekondo | 2015-03-29 | Nor
Udaberriaren ekina hemen da. Lantegi ederra hartzen du, urtea joan eta urtea etorri, gure izerdiak mugiarazten. Gu, bai gu: landareak eta geroni. Idatzi bati buruzko iritzia jakin nahi nuen eta hor bidali diot adiskide bati. Bueltan, hor datozkit bere iritzi egokiak eta onak, baina ohar batez lagundurik: landareak "nor" gisara tratatzen ditudala eta, ezetz, landareak "zer" direla.
Landareak nor ez direla dioenak berak jakingo du zertan ari den, baina Urkijo baino puztuago dabil. Ikuspegi hori ez da ez troglodita. Aurreragokoa! Landareak gure zerbitzura, gure gurariak asetzeko, ustezko jainkoren batek eginak direla buruan duenak, seminario kiratsa duen heziketaren ondorio zikiratzaileak ez dituela gainditu besterik ez du azaltzen.
Aldizkari honetako lagunekin elkarlanean, laster landareak ikusiko dituen liburu bat erditzeko asmotan gabiltza. Bizi Baratzea; garaian garaikoa garaiz; eman eta hartu izena izango du eta bertako lehenengo esaldiak honela dio: "Ezertan hasi aurretik, ohar bat: landareak badira nor, badirenez, eta, beraz, hemen halaxe tratatuko ditugu".
Gure garuna baino zaharragoa da landareen jakinduria. Nola kudeatzen duten ez dakigu eta horrek erretzen gaitu eta hankapean hartzera bultzatzen. Azpian, maizegi darabilgun uraren bitsa zapuztuko da, noizbait.
Sagarrondoak maiatzean erabakiko du datorren urtean sagarra eman edo ez; nola arraio erabakia hartu, jaso eta, gainera, hurrengo urtean bete? Tokitan gaude gu! Erabakiak hartzen, jasotzen eta urtebetera betetzen...
Iaz ereindako sagar haziak ez ziren ernatu. Epelean igaroko zuten negua eta ezin udaberrirako koxka sentitu. Zer senti dezake hazi ziztrin batek? Nola? Ba, iaz lo geratu eta aurtengo negua lurpean pasa ondoren ederki ernatzen ari dira. Tokitan...
Tokitan ez, ber-bertan dugu sapelarra ( Stellaria media ), baratzeko lur aberatsen adierazle garbia. Oraintxe mastra mardula erakusten. Hura ihartzen hasten denean ekin baratzea udaberritzeari. Esaerak hala dio. Jakin eta adierazi. | news |
argia-5748272a106c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/diru-publikoa-aurkitu-eta-itzuli.html | Diru publikoa, aurkitu eta itzuli | Juan Mari Arregi | 2015-03-29 | Diru publikoa, aurkitu eta itzuli
Azkenaldian Euskal Herrian ere ustelkeriari loturiko informazioak zabaldu dira. Ezin konparatu, ekonomikoki behintzat, Espainiako Estatuan azaleratu den egoerarekin. Baina Euskal Herria ez da irla bat ustelkeriaren arloan, hortxe daude epaitegietan pilatzen ari diren auziak. Horietan guztietan diru publikoa da protagonista: lapurtu egin dute, eskuratu, harrapatu, bidegabe erabili… Ehunka milioi euro izan daitezke "lurrundutakoak", kudeatzaile politikoak eta euren alderdiak ustelkerian erori direlako antza. Ia alderdi guztiak daude zipriztinduta: De Miguel auzian esaterako, baita Hiriko, Epsilon eta Kutxabanken ere, EAJ eta PSEren gertukoak daude tartean. PP ere zikindu da Bilboko egoitzarekin eta Gasteizko San Antonio eta Iradier Arena eraikinekin. Gipuzkoan Bidegi afera daukagu, EAJri bete-betean eragin diona, Lasarte-Orian berriz Urchuegia PSEko alkatearen auzia, eta Nafarroan Osasunako iruzurra, eta zer esanik ez, Nafarroako Kutxaren xahuketa.
80 lagun baino gehiago ari dira ikertzen auzi horietan, eta egoera larriagotu egin daiteke iritzi publikoaren aurrean, laster lehia elektoralean sartuko baikara. Arriskua egon daiteke ustezko iruzur horiek guztiak alderdikeriaz erabiltzeko. Guztion onerako, eta batez ere, administrazio gardena lortzeko, beharrezkoa da sakoneraino ikertzea zer gertatu den eta erantzukizunak garbitzea prebarikazioa egon den kasuetan, baita eroskeria, influentzia-trafikoa, diru-zuriketa, administrazio publikoan eta kontratazioetan iruzurra, merkataritza-dokumentuetan faltsukeria, eta konkurtso eta enkante publikoetan prezio-aldaketa egon denean ere.
Jakin behar da erabilitako dirua ikertuak izaten ari diren horiek eurentzat erabili duten ala beste batzuk dauden tartean, fisikoak edo juridikoak. Alderdi politikoek etekinik atera al dute? Baina batez ere, aurkitu behar dira ehunka milioi euro horiek eta diru-kutxa publikoetara itzuli. Diru-publikoarekin jolasik ez. Eta norbera bere buruaren kargu egin dadila! | news |
argia-5f07f2b879b7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/aldaketari-puntua-jartzen.html | Aldaketari puntua jartzen | I�aki Antiguedad | 2015-03-29 | Aldaketari puntua jartzen
Klima aldaketaren kontuan kontzeptu bi dabiltza ahoan, bestelako aldaketetan ere kontuan hartzekoak. Mitigation, hau da, gerora izan daitekeen aldaketa arintzen saiatu, kausetan eraginez aldaketa leuntzeko; funtsean, tenperatura igoera mugatzea. Adaptation, nahitaez bidean den aldaketara egokitzea, aldaketa bat izango denez gure jarduerak ondorioetara moldatzea. Finean, bata datorrena leundu, bestea datorrenera egokitu. Bi jarrerok bestelako aldaketetan ere sumatzen dira, norabide desberdinetan bada ere.
Gatozen euskal prozesuaren klimara, gehiengoarentzat ezinbesteko aldaketa eskatzen duen prozesura. Hainbat joera dira. Estatua eta statu quo-a mantendu nahi dutenak lehen bidetik ari dira, zatar ere, lurralde hauetan funtsezko aldaketarik izan ez dadin, hemengo klima, berotzera heldu gabe, epel motelean mantentzeko. Egokitzea dute programa bakarra, indarrean duten klimak aurretik ezarritako eszenatokian egokituta bizitzea. Puntu eta azkena.
Euskadi hitzaren bueltan ari direnek egokitzea dute helbide, eta helburu. Iraungita beharko lukeen zerrenda zaharraren bete gabeko eskumenak eskatzen segitzea eta horien bidetik egokitzea. Egia esan, oso eszenatoki murritza da hori zerukoa leman dutenentzat. Euskal Bidea proposamena kritikatu dute horiek, mespretxatu kasik, egonkortasuna hausten duelako; argi dago zer eszenatoki nahi duten horiek egonkortu, kudeaketaren pentsamolde bakarrekoa. Puntu eta koma, etengabe.
Oraingo eszenatokietan hasiak dira han-hemen beste protagonista batzuk agertzen, aldaketen harira. Klima politikoak samindutakoen haserrea bideratu nahian, statu quo-a aldatu nahi bai, baina Estatuaren tamainaz mutu antzera. Horretan eten-puntuak... Baina aldaketa horrek bere horretan ezin subiraniston beharra ase, azken batez klima kontzeptu zabalak klima zehatz asko hartzen ditu eta bakoitzak bere prozesu konstituziogilea behar du.
Eta guk, burujabetza nahi eta behar dugunok, planetako mundu guztiak arriskuan jarri dituzten era askotako klimei bertatik aurre egin nahi diegun ezkertiarrok, eskumenez eta gaitasunez egin ere, aldaketa bultzatzen segitu behar dugu, leundu gabe indartu, tarteko helmugetara betiko egokitu gabe. Azken batez, serio, puntu eta apartekoa da gurea, helburuz. Euskal lurraldeen etorkizuna idazteko dago, bai; prozesuaren bide-orrian orria idaztea da bidea, eta horretan funtsezkoa da puntuei zein segida ematen zaien... | news |
argia-3472e29a1ec2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/42-milioi-pertsona-erradioaktibitatearen-pean.html | 42 milioi pertsona erradioaktibitatearen pean | Joxerra Aizpurua | 2015-03-29 | 42 milioi pertsona erradioaktibitatearen pean
Martxoaren 11n lau urte igaro ziren Fukushimako zentrala lehertu zenetik eta, dagoeneko, hango berrien jarioa ez da aurreko urteetakoa bezain emankorra. Oraingoan, zientziari eskainitako atal honetan, gogora ekarri nahi ditugu Txernobyl eta Fukushimaren eragin eremuan bizi diren 42 milioi pertsonak eta beste izaki bizidunak. Neurri handiagoan edo txikiagoan erradioaktibitatearen menpe dagoen lurraldea 20.000 kilometro koadrotik gorakoa da bi gune horietan.
Bertako pertsona, animalia eta landareen heriotza tasa ofiziala ez da oso handia oraindik; izan ere, baliteke gero eta datu ofizial gutxiago ematea urteek aurrera egin ahala. Aldiz, datu estraofizialek diote minbizi kopurua hazten ari dela, eta aldaketa genetikoak gertatzen ari direla zentralen inguruan bizi diren animaliengan eta landareengan. Azken batean, esperimentaziorako bizidun bihurtu dira, eta Txernobyl eta Fukushima inguruak, laborategi erraldoi bana. | news |
argia-b8ecc992d767 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/zahartzaroan-ere-punk.html | Zahartzaroan ere punk | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-03-29 | Zahartzaroan ere punk
Buzzcocks eta The Lookers. Noiz: martxoaren 28a, 22:00. Non: Intxaurrondo Kultur Etxea, Donostia. Sarrera: 18 euro.
Bai, ados, askoz hobe izango zen kontzertu hau bere garaian ikusi izana, tokatzen zenean, hasi zirenean adibidez: 1976 inguruan astindu zituen gitarrak lehenbiziko aldiz Buzzcocks taldeak. Eta punk britainarraren eztandaren urteak ziren, baina beti dago zalantza mahai gainean jarriko dizunik: "Hauek punk taldea? Niri oso pop iruditzen zaizkit".
Bata ala bestea izan, 70eko hamarkadaren amaieran zenbait kolpe on jo zituzten –nahi gabe ere entzuna izango duzu 1978ko Ever Fallen in Love (With Someone You Shouldn't've) –; eta halere, Boltongo talde honen izena bigarren planoan geratu da musikaren historiarentzat, Sex Pistols edo The Clash erraldoien atzean.
Baina musika ez denez famatuena nor bihurtu den epaitzeko lehiaketa –ez luke izan behar behintzat–, 2014an disko berriarekin itzuli ziren beterano hauen kontzertuak aukera ona dirudi, rockero zaharrak ez direla inoiz hiltzen dioen esaldi horri egia ote den frogatzeko. Zita bakarra dute Euskal Herrian. | news |
argia-35913fcd150a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/ray-fernandez.html | "Troba zahar tradizionalaren oinordetzat daukat neure burua" | Miel Anjel Elustondo | 2015-03-29 | "Troba zahar tradizionalaren oinordetzat daukat neure burua"
Jakinaren gainean jarri gintuzten Habanan. AEKren Korrikarekin batera zetorren artista kubatarra gure artera, Tres tanquistas y un perro taldearekin. "Fenomeno hutsa!", esan ziguten. Kantuan entzun, eta ikusi, eta ezin ukatu: trobadore peto-petoa Ray Fernández, Kubako euskaldunen laguna, eta oraingo egonaldiaz gero, hemen bertakoena.
El conflicto de la lengua entzun dizugu kantari anboto.org gunean. Aurkezpen txartel makala ez Euskal Herrian egiten ari zaren txangoan.
Habanan dudan lagun batek –euskalduna, Martin, Abadiñokoa uste dut–, nik kanturen bat euskaraz ikastea nahi zuen. Lehenago musikatuak nituen Ruperren [Ordorika] kanturen bat, Fermin Muguruzarena… baina ez zegoen nik euskaraz kantatzeko modurik. Euskaraz ez dakidanez, ezin nuen hitzik barneratu, eta ez zela benetakoa izango iruditzen zitzaidan. Horrela asmatu nuen El son de Abadiño . Txiste bat baino ez da. Nire lagun Martini ikaragarri gustatu zitzaion, eta hemen ere askori gustatu zaio.
Euskararen egoera zaila da gurean, nahi eta ezin bizi gaituzu, eta, pesadunbre horretan zuk guri irri eginaraztea, preziatzekoa ere bada!
Korrikaren helburua horixe da, ezta? Euskarari sostengu ematea.. Txistea egin dut El son de Abadiño eginez, baina oro har, egoera iraultzeko joera dut, eszenatokian bederen. Besterik da mahai baten inguruan jarri eta gai bat lantzen hastea. Baina umorea bera oso gauza serioa da, eta gauza guztiei ere umorearen zukua ateratzen saiatzen naiz. Horrekin lakrikunkeriatan ibiltzea gustatzen zait. Gairik dramatikoenari ere atera lekioke txinparta. Gaztetatik jardun dut horretan. Repentista ditut bi aitonak, eta esaterako, hurretik ezagutu zuten Chanito Isidrón, Kubako repentista ospetsua. Chanitoren semea bera, umoregile handia… Umore giro horretan hazi nintzen, eta itsatsi egin zitzaidan, hainbesteraino itsatsi, ez baitaukat bazterrean uzterik. Are gehiago, liluratu egiten nau umoreak, gauza guztiekin lakrikunkeriatan jardutea. Baita politikarekin ere! Are gehiago politikarekin!
Are gehiago Kuban!
Are gehiago Kuban! Kar, kar…
Badago politikarekin jolas egiterik Kuban?
Bai, beti egin izan da. Matamorok egin zuen, Sindo Garayk, Nico Saquitok, Pedro Luis Ferrer-ek, Fran Delgadok berak egiten du… Jakina, gorabeherak ere baditu horrek, irratian zure berri ez ematea, telebistan zure irudia ez erakustea, hedabideek zu enoratzea. Horixe jasan behar izan dut nik, esaterako. Dena den, orain permisiboagoak dira.
Zer gertatzen da zuri entzuten dagoenak txistea ulertzen ez duenean?
Batzuetan gaizki interpretatzen da norberaren lana. Nire kasuan, askotan gaizki interpretatu naute. Badut kantu bat, adibidez, El corrido del gusano izena duena. Zenbaitek gaizki hartu dute, iraultzarekin jolas egiterik egongo ez balitz bezala, edo iraultzaren heroien lepotik irri egin. Ni ez nago horrekin ados. Uste dut ez dela inor jainkotu behar, eta jainkotu baldin bada, aldaretik jaistea dela gure lana. Uste dut denen lepotik egin litekeela txantxa, errespetu osoz egin ere. Mao presidentea, esaterako, aipatzerik ere ez zegoen. Stalin eta gainerako izorratzaile denak. Liderrak izan, ez izan, gu bezain humanoak dira denak!
Hitz egidazu "La negrita"-ri buruz.
"La negrita"! Kar, kar, kar. Aitona Quintín Moyaren gitarra zen. Han zuen, horman esekia. Ezin ukituzkoa gitarra, gauza sakratua… egun batean, oso txikitan, hartu nuen arte. Eta han hasi nintzen, endredatzen. Kasik guztiz desegin nuen, eman nion tratu txarrarekin. Zer ari nintzen ikusi zuenean, aitonak eskuetatik kendu zidan gitarra, baina hurrena, gitarra sobietikoa erosi zidan eta harexekin hasi nintzen. Txarra zen gitarra hura, gero! Ukitu bakoitzean desafinatzen zuen, baina hori bai, asko irauten zuen: kosmosera atera, orbitan jarri eta jotzen segituko luke gitarra hark!
Aitonak eman zizun lezioa?
"Ez jolas egin ezagutzen ez duzunarekin!", edo antzeko zer edo zer. Jakina, atera kontuak, nik ez nuen entenditzen zer esaten ari zitzaidan ere, eta ez zitzaidan gustatu. Denboraren poderioz entenditu nuen.
Zer besterik ikasi zenuen aitona Quintínengandik?
Bada, aitona Quintín repentistarengandik baino gehiago ikasi nuen beste aitonarengandik. Armando Fernández zen, El guajiro del crucero, eta eragin handiagoa izan zuen nigan. Akordatzen naiz berarekin irteten nintzela, oso txikitan, guarandinga batean [herri arteko autobus txikitxo bat], eta mundu osoak agurtzen zuen. Autobusa gelditzen zen aldiro, inor autobusera igotzen zenero, matraka bera: "Hi, Armando! Esaguk zer edo zer!". Eta aitona hamarrekoak egiten hasten zen, inprobisatzen. Aitak, bestalde, hamarrekoaren egitura erakutsi zidan, eta aitonarekin partekatu ahal izan nuen. Gerora jakin nuenez, aitona Armandok urte bat osoa eman zuen hamarrekotan hitz egiten, praktikatzeko asmoz. Pitzatua behar du, gero! Armando nahiz Quintín analfabeto xamarrak ziren, baina ahozko kultura aberatsaren jabe. Jenialtasun handiko jendea, talentu handikoak.
El conflicto de la lengua da interneteko bertsioan, baina El son de Abadiño izena eman diozu arestian. Kantu horretan ari zarela, zalantza egiten ote duzun irudi du pasarteren batean, baina ez da zalantza, inprobisazioa baino, ala?
Bai, bai, inprobisazio hutsa! Habanan grabatu nuen, hona etorri aurretik. Ez nuen larregiko astirik ere, eta horrelaxe atera zen. El son de Abadiño asko gustatu zaie abadiñoarrei. Kantuan ari nintzen eran, inprobisatzen ari nintzen. Ate adina maratila hor ere, ordea! Ni eginahalean inprobisatzen, eta musikariak berriz, nire kontra, entseatzen dugunak askotan ez duelako balio, eszenatokira irten eta aldatu egiten dudalako kantua, inprobisatu. "Izorra hadi!", ezta? Askok inprobisatzen dute, entseatu ere egiten dugu, baina tragoa egin orduko, musa esnatzen zait eta orduantxe akabo!
Habanan jakin dugu zure berri, baina ez zara han jaioa.
Ez, Las Villas-Baez-en jaio nintzen, mapan azaldu ere egiten ez den herri txiki bat da, landa lurretan, uhartearen erdian bertan. Badu muino txiki bat, denda bat, eliza, eta taberna. Abadiño baino txikiagoa! Kar, kar, kar. 3 urte nituela eraman ninduten Habanara, baina Baezen nintzen udaro, oporretan, aitona-amonen artean.
Sukaldari ikasketak egin zenituen.
Bai, Sevillan graduatu nintzen.
Sevillako Unibertsitatean?
Ez! Habanako Sevilla Hotelean, kar, kar, kar. Gastronomia eta Turismo Eskola Hotel Sevilla du izena. Bost ikasturte egin nituen, eta sukalde chef graduatu nintzen 1989an. Eta lanean hasi nintzen, jatetxe luxuzko onetan: 1830, Quinta 16, Diplojoya, eta katedraleko patiokoan. Hantxe, behin, oilaskoak erre nituen, eta kito!
Oilaskoak erre zitzaizkizun?
Bai. Oilaskoak eta haragia erretzea zen nire lana. Ehunen bat oilasko erretzen nituen egunean; hogeita bost, aldiko. Labea berotzen nuen eta oilaskoak erretzen nituen. Eskatu ahala, berotu berri bat eman –bi minutu–, eta ateratzen nituen. Erre bitartean, sukaldetik saloira irteten nintzen, sukaldari jantzian, garbi-garbi, marakak eskuan eta kantari. Oso zen pintoreskoa, badakizu, sukaldaria kantuan. Egun malapartatu hura arte: kantatzera irten, eta, bitartean, oilaskoak kiskali ziren! Kalera. "Kubako sukaldari-oste txit ohoretsutik" bota ninduten, ni batere ohorerik gabe utzirik, kar, kar. Izorratu egin ninduten. Habanako malekoira joan nintzen orduan. 1995. urtea zen.
Eta malekoian?
Lehenengo, langileen jangela batean hasi nintzen lanean, baina aldiro malekoira jaisten nintzen, gauez, ordu txikiak arte. Handik, egunero, gosariak prestatzera joan behar izaten nuen langileen jangelara. Behin baino gehiagotan, nire emazte Leniak kuzinatzen zuen goizean, ni logurak txikitzen ailegatzen nintzen-eta: arroz zaku artean etzan eta egiten nuen lo. Leniari esker onik libratu nintzen ataka gaitzetik hainbat aldiz! Bizimodua atera behar zelako hasi nintzen malekoira, eta hantxe osatu nuen errepertorioa, hango historiak bilduta. Hainbat jende etortzen zitzaidan kantuan aditzera. Bertakoak ziren gehienak. Turista gutxi han orduan. Arranditsu jo zidaten txistu, eta zaratatsu txalotua izan nintzen malekoian. Gitarra hartuta joaten nintzen: "Nahi duzu kanturen bat kantatzea?". "Zenbatean?". "Ez, ez, nahi duzuna eman". Eta Lágrimas negras kantatzen nuen, edo El Pumaren bat, eta gero: "Nahi duzu nire kantu bat kantatzea?". Kantatzen nuen, eta batzuetan: "Kaka galanta zuan hori. Ez gehiago kantatu!". Horrela, kar, kar. Edo alderantziz: "Besterenik ez kantatu niri. Kantatu heureak". Horregatik esan dizut denetarik ezagutu nuela han, arrakastaren eztia eta porrotaren ozpina, biak.
Bizimodua ateratzeko lanak oraindik Habanan…
Bai, jakina! Habanan, eta malekoian bertan. Eta talentu asko dago. Sarri, telebistan erakusten dutena malekoikoa baino okerragoa da, txarragoa, eskasagoa. Trobadore bikainak daude malekoian, ikaragarri onak, aukeraren baten zain. Baina badakizu, aitapontekoa behar, bataiatzekotan! Ez alferrik esaten zuen Mikhail Gorbatxovek talentudunei lagundu behar zaiela, erdipurdikoak berez ailegatzen direlako.
Trobadore bikainak malekoian, trobadore zaitugu zu zeu ere.
Troba zahar tradizionalaren oinordetzat daukat neure burua. Sindo Garay bat esate baterako. Hiru ume zituen: utzi bi etxean bere andrezkoari, hartu bestea eskutik eta esan zion andrezkoari: "Zaindu niri bi umeok, Cuetora noa". Eta hogei urte ibili zen Kuban barrena batetik bestera, noiz trenean, noiz itsasontzian, bizimodua atera nahian. Hori da trobadore izatea, kosta lain kosta kantuan! Troba berria iritsi zenean, elitizatu egin zen gauza. Pose bat ere izan zen. Edukiak aldatu ziren, eduki politiko eta ideologikoak, alegia. Kantuak algoritmo itxura hartu zuen, zeharo egituratua zen, lirismo hutsa. Horrek kalte egin zion, duda matazarik gabe.
Silvio Rodríguez, Pablo Milanés…
Ez da Silvio, Pablo edo Santiago Feliúren kasua. Hauek jakinaren gainean ari ziren. Beste batzuk, aldiz, nahastu egin ziren, talentu handikoak izanagatik ere. "Ilargia berde ageri…" esateko, egunkaria kontatzen zizuten, behiaren karena baino luzeagoko erretolika! Niri ez zait horrelakorik gustatzen, ogia ogi eta ardoa ardo gustatzen zait niri, nahiz eta lirismo handiko kantuak ere baditudan. El son de José -k, esaterako, José Lezama Lima gogoan hartuta egin nuen, eta Lezama Limak halakoxe hizkuntza du. Edo El ausente , Eugenio Flori-rena, nire lagun Martini eskaini diodan poema da, edo La Marina egunkariko kazetari eta idazle bikain izandakoari egindako Blues a Gastón Vaquero ; poeta handia bera. Horietan lirismoaren bidetik jo dut, hizkuntza landuagoa darabilt, gustatzen zait, baina ez naiz horretan iaioa. Nirea umorea da, ziria!
Gauzak aldatzen ari dira Kuban? Badira hotsak: AEBek blokeoa bertan behera utziko ote duten eta hau eta hura.
Nik ez dut aldaketarik batere ikusi oraindik, baina ez dut uste makillaje hutsa denik ere, batzuek hori diote baina. Ikusiko dugu zer datorren. Dudarik gabe, blokeoa ez da aitzakia izango, inork ezin izango du blokeoa pagaburutzat hartu, kito da aitzakia hori, beti blokeoa. Hemendik atzera ezingo diogu errua blokeoari bota. Akordatuta dago jendea! | news |
argia-c12d955848ac | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/hizkuntzaren-presioa-aldez-aldatzera-goaz.html | Hizkuntzaren presioa aldez aldatzera goaz | Estitxu Eizagirre | 2015-03-29 | Hizkuntzaren presioa aldez aldatzera goaz
Herritarron eta erakunde guztion ardura da bermatzea herritar bakoitzak euskara hautatzeko duen eskubidea. Korrika bezalaxe, euskararen erronka kolektiboa baita: norbanakoak 10 egun eta 11 gauez 2.300 kilometroko ibilbidea egiteak ez du Korrika egiten; milaka herritarrek elkarlanean ibilbidea osatzeak, horrek egiten du Korrika. Euskararen erronka kolektiboa da, eta Iruñeko Udalak prozesioari bide emanaz Korrika erdigunetik egotzi duenean bezala, euskaldunok posizioak galtzen ari gara. Ardura norbanakoaren gain jartzeari utzi eta kolektiboki hizkuntza inperialismoaren kontra egiteko garaia da.
1996an UNESCOren oniritziarekin onartutako Hizkuntz eskubideen adierazpen unibertsalak dio edozein herrik duela eskubidea adierazteko eta garatzeko bere kultura, hizkuntza eta bere antolaketa arauak. Honenbestez, euskara giza eskubide kontua da, eta giza eskubideak kolektiboki irabazten dira, ez norbanakoka.
Euskararen aldeko mezu gehienak euskaldun norbanakoengan oinarritu ditugu: "Hizkuntza bat galtzen da euskaraz dakizun horrek ez baduzu egiten", "zuk beti egin lehen hitza euskaraz", "zu ahaldundu"... Indibidualismoak elikatutako "zu", "zu" eta "zu" hori ari zaigu etengabe, esan gabe esaten "ez baduzu egiten nahi ez duzulako da", "librea zara nahi duzuna egiteko", "denok dugu ahalmena denerako"...
Norbanakoaren ardurari osoki eutsi arren, eta nahiz eta jakin euskaldunok garela gakoa, euskararen ardura eta erronka kolektiboak direla azpimarratzea garrantzitsua da. Norbanakoaren aukera erabat baldintzatzen du gizarte osoko klimak. Hizkuntza bat ez baitu sortzen batek norberarentzat, kolektibo baterako eta kolektiboan sortzen eta garatzen da beti.
Marketin adituek "zuk egin euskaraz" esaten digute "hartu bizikleta" esaten den alaitasunez. Gomendio horiek egitea beharrezkoa da, aski ez den bezala. Txirringari egokituta al daude errepidea, bide-seinaleak, gidarien kultura? Txirringa edo euskara hartzea gure herrian esperientzia atsegina da edo zartako bat hartzeko posizioan jartzea da?
Guk ez genuen euskararen hizkunzidioa hautatu
Ez dezagun herritarren artean giro txarrik jarri, ez gogorarazi 40 urtez debekatua izan dela Hegoaldean euskara.
Frankismoan euskara debekatu zuten.
Gutxiago sufrituko dugu, ezabatu burutik euskara debekatua, pertsegitua eta zigortua izan zeneko iruditegia hori guztia: ez dezagun euskara Eusko Jaurlaritzaren biktimen zerrendan jarri, ez dadila eskoletan euskararen historia gordina irakatsi, ez dadila curriculumetan sartu Autopsiarako frogak (Koldo Izagirre), Euskararen kate hautsiak (Dabid Anaut) edo Gartxot (Asisko Urmeneta eta Marko Armspach).
Ezin bagara libreak izan, elika dezagun behintzat irudipena. Baietz, emakume edo gizon izatea egun berdin-berdin dela, eta euskaldun izatea ere bai, denok ditugula eskubide eta aukera berberak: zer mesede egiten du ezberdintasunak seinalatzeak? Zer konpontzen dugu esanik euskara lurraldearen gehiengoan ez dela hizkuntza ofiziala eta beraz euskaraz ikastea, informatzea eta abar, erlijioa bezala, norberarengan geratzen dela, edo zehatzago, norberaren bizkar geratzen dela finantzatzea? Hobe jabetzen ez bagara egun ere euskara hutsean jarduten duenak auzitegietan eta are kartzelan amaitzeko arriskua duela.
Izan positibo, zoaz coaching era, ahalegindu zure euskara erakargarri egiten zanpatzen zaituzten elebakarrentzat, ez haserretu, eta batez ere, ez egin aurre. Kontziente ez bazara eramangarriago egingo zaizu menpeko bizimodua, elebakarren onarpena lortuko duzu, eta ez ahaztu zuk nahi bezala bizi zarela ahoz barruko zure errepublika independentean. Beraz, erantzukizuna zeurea da, egoerak egoera zuk egin beti euskaraz.
Euskara askatzailea da
Transbertsalitate handikoa da euskararen afera, gainerako zapalkuntza eta borrokekin bat egiteko gaitasun handia duena.
Euskaraz egitea, adibidez, jarrera inperialistengandik askatzea da. Euskaraz egitea da bi estatuetatik ituan independente egiten gaituena.
Euskaraz egitea jarrera antikapitalista praktikatzea da: helburua txanponak pilatzea denean ziur badugula euskara baino aukera errentagarriagorik. Euskara hautatzen dugun aldiro ziur dirua eta konpetentzia ez diren beste helbururik lehenesten dugula.
Munduko 7.000 hizkuntzetatik erdiak mende honetan desagertuko direla diote aditu askok. Euskaraz egitea, beraz, denok berdin pentsatu, berdin jantzi, berdin jan eta berdin hitz egitera bultzatzen gaituen globalizazioari iskin egitea da. Munduan lekuan lekuko milaka hizkuntza horien alde egitea.
Euskaraz egiten duten enpresa gehienak bertakoak dira. Coca-Cola, Nestlé eta McDonald's ez dira euskaraz mintzo. Honenbestez, gure indarrak euskara haien hizkuntz politiketan sartzen jarri beharrean, "utikan!" bidali eta bertoko eredu jasangarriak sortzera bidera ditzakegu. Euskaraz egitea elikadura subiranotasunaren alde egitea da.
Euskaraz egitea jarrera ekologista geure egitea da. Hizkuntzak ez dira, animaliak bezala, hala hautatu dutelako desagertzen, batzuek beren ekosistema (soziolinguistikoa) hausten dutelako baizik. Munduko jatorrizko herri gehienek argi erakutsi dutenez, lurrik gabe ez dago hizkuntzarik. Porlanaren abiadura handiko hedapenak badu zerikusia bizimoduak eta hizkuntzak suntsitzearekin.
Euskara da jatorriak jatorri euskaldun egiten gaituena. Paper beharrik gabe komunitateko kide egiten gaitu. Jatorriak jatorri euskaraz egiten digunak herrikidetzat aitortzen gaitu, parekotzat gaitu.
Euskara eta feminismoa elkarri lotuta doaz. Euskarak planteamendu feministekin bat datozen ezaugarriak ditu (genero markarik gabeko hizkuntza izatea, genero markarik gabeko izenak izatea Euskaltzaindiak zantar-zantar bertutea den lekuan arazoa sortu zuen arte...) eta feminismoa hizkuntzen kudeaketan ere eredu oso onak ematen ari da, zapalkuntza anitzak kontziente egin eta berauek artikulatzen saiatzen baita. Bestela galde 500 laguneko Topaketetan euskaraz bizitzeko gakoez Bilgune Feministari. Euskarak eta feminismoak zapalkuntzan eta askapenean bat egiten dutenez, batean eta bestean pizten ari da noka kontzienteki aritzeko ideia, emakumeen arteko konplizitatea eta hizkera subertsiboa sustatzeko.
Zein izango da euskal estatuaren hizkuntza?
Auzolanean ARGIAren webgunean 40 hizkuntzatara itzuli dugun euskarari buruzko artikulua irakurri duen munduko herritar zozoenak ere lotuko du Euskal Herriaren independentzia nahia berezko hizkuntza edukitzearekin. Gehienei berezko herri bat denaren froga nagusia izango zaie berezko hizkuntza izatea. Askorentzat berezko estatuaren beharrari zilegitasuna ematen dion faktore nagusietakoa da euskara berreskuratzeko misioa.
Urruneko perspektibatik ura bezain gardenak dira berezko hizkuntzaren eta estatuaren arteko loturak. Aldiz, surrealismoaren mugak zeharkatu ditugu azken boladan Euskal Herrian, euskara independentziarako traba ote den entzutera iritsi baikara, independentziarako motibo nagusietakoa denean. "Itxaron, lehenik independentzia eta gero beste dena" esaldiak jada inuzenteena ere konbentzitzen ez duenez, posizioak argitzeko hona euskaltzaleok erantzutea eskatzen dugun galdera: Zein izango da euskal estatuaren hizkuntza ofiziala (eta erreala) euskara ez bada?
Zeren zain gaude dagoeneko baditugun erabakigune eta erakundeetan euskara beharrezko egiteko? Zer egin bitartean ikastetxeek eta euskaltegiek azken 40 urteotan euskaldundu dituzten milaka herritarrekin? Herritar denek %100ean euskara ikasi arte gaude zain? Hala bada, batetik, epeak markatzeko ordua da. Eta bestetik, euskara ikastea unibertsala eta doakoa egiteko unea ere bada.
Euskararen lurraldean inperialista zara?
Hizkuntza guztiek dute balio, zilegitasun, eskubide bera. Hizkuntza guztiek baina, ez dute nagusi diren lurralderik. Are gehiago, belaunaldi honetan izan dugun galera handietako bat da jada ez dagoela herririk euskara hutsean bizi daitekeenik, euskaldun elebakarrik ez dagoen bezala. Gure begien aurrean gertatu da, erdaldunak deseroso sentitzearekin kezkatuta geunden bitartean.
Euskal Herrian erdaraz jardun arazten duenak, kontzienteki edo inkontzienteki, euskarak munduan duen lurralde bakarra kolonizatzen jarraitzen du, euskarari espazioa kentzen dio. Hizkuntzen gatazka da Euskal Herriko herritarren artean mugitzen dena. Hizkuntzen gatazka hori kontziente eta ikusgarri egitea da gakoa, mahai gainera ekarri, eta dialektikoki landu. "Pertsonala politikoa da" irakatsi digu feminismoak. Migel etorri orduko koadrila osoa erdaraz egitera pasatzen bada, ez da Migel eta bion arteko arazoa, ez da koadrila honetako xelebrekeria. Migel erdaldun elebakarra da, eta gainontzekoak euskaldun elebidunak. Hizkuntza jarrera inperialista eta kolonizatuaren arteko talka da, eta talka horretan beti txikia galtzaile suertatzen da hizkuntzaz aldatzeko presioa aldez aldatu ezean.
Euskararen lurraldean errespetuz bizi nahi duenak, euskaraz egitera bultzatu behar ditu euskaldunak. Horretarako gutxienekoa du agertzea ulertzeko jarrera, ulertzeko gogoa. Kontzienteki egiten bada hobe, "nik oraingoz erdaraz egingo dut baina zuk hitz egidazu beti euskaraz".
Arazoa aldez aldatzeko ordua
Bakoitzak hautatu dezala libreki (beraz, kontzienteki) zein hizkuntzetan mintzo den. Euskal Herriko gatazka linguistikoen historia ezagututa, euskararen egoera ezagututa, norberak egin dezala hautu kontzientea, politikoa, zer hizkuntzetan hitz egin.
Eta inork ez dezala inor derrigortu ezein hizkuntzan hitz egitera. Ez dezagun hizkuntzarik inposatu.
Bistakoa da euskaldunek (=elebidunek) ez dutela inongo arazorik elkarbizitzarako. Arazoa jarrera inperialista duten elebakarrak dira. Elkarri ulertzera, horretara baikaude behartuta herritarrak elkarrekin bizitzeko. Eta ulertzeko beharrezkoa den ia bakarra borondatea da.
Bizitza osoa "ez dut ulertzen" erantzunaz pasatzea erabakitzen duenak, arazo bat biziko du bizitza osoan, bai Parisen, bai Madrilen, bai Euskal Herrian. Arazoa ez da Parisen frantsesa, ez Madrilen gaztelera, ezta Euskal Herrian euskara ere, arazoa goizero jaiki eta kalera ateratzeko tapoiak jartzea da. Lasai, gatazkan bizi nahi ez duenak berehala alboratuko ditu tapoiak eta denbora gutxian euskara ulertzen hasiko da. Eta arazoan bizi nahi duenak, ba bai, berak erabaki bezala, euskaltzaleokin arazoa izango du bizitza osoan.
Aske izateko jaioak
Euskaraz mintzo gara gure hautua delako, kontzientea, politikoa, askea. Eta herritar gisa gure eskubidea. Hor konpon horrek azkuratzen duena.
Behin bakarrik biziko gara, eta ez gaude prest zapalduta, kolonizatuta, bigarren mailako herritar gisa bizitzeko. Are, euskaldun herritarrok zapalduta, kolonizatuta, bigarren mailan bizi bagara, euskararenak egin du.
Herritar diren heinean politikariei ere eska dakiekeen gutxienekoa, euskaratik eta euskaraz gobernatzea da, konplexurik gabe, hizkuntza zapaltzaileari zer irudituko beldurrik gabe, kolonizatuaren mentalitaterik gabe. Euskaratik eta euskaraz gobernatzen ez duten politikariek ez gaituzte euskaldun gisa ordezkatzen. Behin biziko gara, beraz, nahi dugun bezala bizitzea lortu dezagun: gure herrian bete-betean euskaraz. | news |
argia-30c0423b86e8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/hizkuntza-politikarekin-katramilatu-da-kultur-hiriburua.html | Hizkuntza politikarekin katramilatu da Kultur Hiriburua | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-03-29 | Hizkuntza politikarekin katramilatu da Kultur Hiriburua
Bizikidetza bezalako printzipioak dira proiektuaren ardatza, baina Donostia 2016ko patronatuan lehiak agintzen du. Espainiako Kultura Ministerioak auzitara eraman du proiektua Kontseiluak antolatuko duen egitasmo batengatik. Zergatik sortu den halako ika-mika? Esplikatzen saiatu gara.
Istilu gutxi zituen bestela ere, eta otsailaren 11n Espainiako Kultura ministerioak jarritako demanda zibilarekin fronte berria zabaldu diote Donostia 2016ri. Jose Ignacio Wert buru duen sailak Donostiako lehen auzialdiko epaitegira eraman du Hiriburu Kulturala, Kontseiluarekin hitzarmen bat sinatzeagatik hizkuntza gutxituei buruzko goi-bilera antolatzeko.
Lehen kolpean, esplikatzeko ere zaila da: parte hartzen duzun erakunde baten kontra salaketa jarri? Albistea egunkarietan lehertu ondoren klima nahasian bildu ziren joan den asteazkenean proiektuan parte hartzen duten lau erakundeak –Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Kultura ministerioa bera–.
Ministerioak titular txikiagoak ere eman ditu martxoan, proiektua finantzatzeko erakutsi duen mizkinkeriagatik. Pablo Berasteguik hilaren 6an jakinarazi zuenez, kolokan dago Espainiaren ekarpen ekonomikoa, 12 milioi eurokoa izan behar zena; horietatik 4 baino ezin dira ziurtatu eta bulegoan gainontzekoa ez dela pagatuko pentsatuz ari dira lanean –eta horrek Europako beste hiriburuena baino aurrekontu apalagora kondenatzen du Donostiakoa–.
Trama judizialari eta ika-mika instituzionalari gehituz gero 2016aren inguruko edozein anekdota drama bihurtzeko jarrera mediatikoa, platerean dituzu datozen hilabeteetako osagaiak. Semaforoa pasa eta eskuinean daude udal hauteskundeak, eta badirudi egitasmoa izango dela Gipuzkoako hiriburuko gai izarretako bat –azken lau urteetan Kultur Hiriburuaren aginte organoetatik kanpo egon den PSE-EEk, berbarako, Ernesto Gasco alkategaiaren bidez Juan Karlos Izagirreren kontra kargatu zuen 2016ko patronatutik dimititu beharko lukeela adieraziz–.
Jaurlaritzak bestelako goi-bilera nahi du
Baina Kontseiluak 2016an parte hartzeari buruzko eztabaida lehenagotik dator, iazko irailaren amaieratik gutxienez. Eta orduan ez zen Espainiako Kultura ministerioa izan hizkuntza gutxituen goi-bileraren kontra egin zuena, Eusko Jaurlaritza baizik. Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak kritikatu egin zuen hitzarmena erakundeei aurkeztu zitzaien modua, besteak beste, bere esanetan bilera aurretik beharrezko dokumentazioa ez zitzaielako helarazi.
Forma kontuak aparte, urriaren 17an Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, Muñozek gaitzetsi egin zuen Kontseiluaren egitasmoak izan zezakeen edukia, bere esanetan "zabaldu nahi zen diskurtsoak" euskara hiltzear zegoela adieraziko zuelako. "Ezin dugu heriotza saltzen ibili", gaineratu zuen.
Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak antzeko adierazpenak egin ditu martxoaren 16an Ser irrati katean, baina edukietan sartu gabe, antolatzaileetan jarri du letra larria. Kontseilua bai, baina beste erakunde batzuk ere antolaketan sartzearen alde egin du, hala nola Jaurlaritza bera, EAEko unibertsitate guztiak, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Unesco Etxea…
Baina zer proposatu du Kontseiluak?
Antolatzaileek, edukiek eta formek dirudite eztabaidaren detonagailu beraz. Dena den, adierazpenok Kontseiluaren proposamena ezagutu baino lehen egin dituzte Jaurlaritzako ordezkariek, martxoaren 31n emango baitu horien berri euskararen gizarte erakundeak biltzen dituen organoak –azken asteetako tirabirek bestelakorik probokatzen ez badute behintzat–.
Joan den asteazkeneko bileran Kontseiluko kideek, beren burua aurkezteaz gain –euskalgintzako 40 eragile biltzen dituen organismoa dela esplikatu behar izan zuten–, aurrera jarraitzeko borondatea adierazi zuten.
Hizkuntza gutxituen goi-bilerak fase ugari aurreikusten dituela ere esplikatu zieten erakundeei eta, abiapuntua euskalgintzak jarriko lukeen arren, gerora lanketa zabalagoa aurreikusten dutela, baita beste agente batzuen parte-hartzea ere, betiere fokua gizarte zibilean jarrita.
Euskararen normalizazioari buruzko kontakizuna nork egingo lehian
Euskara auzi politikoa dela behintzat inork ez du zalantzan jarriko ikusitakoak ikusita. 2016aren beste korapiloak askatzen ari direla dirudienean, hizkuntzari buruzko kontakizuna nork eta nola egingo duen zehaztea bihurtu da Kultur Hiriburuaren gai zailenetako bat. Baliteke Jaurlaritza deseroso sentitzea bere hizkuntza politikak gizarte zibilaren testa pasatzeko aukeraren aurrean, non eta nazioarteko proiekzioa daukan bilkura batean.
Ikuspuntuak eta antolatzeko moduak eztabaidatu daitezke. Baina, posible ote da hori soseguz egitea mahai berean esertzen diren erakundeek epaitegietan ere elkar ikusten baldin badute? | news |
argia-856931e2b7e6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/ahuntz-deneko-zubi.html | Ahuntz deneko zubi | Juanjo Respaldiza | 2015-03-29 | Ahuntz deneko zubi
Doinua:
Agur sagar beltzaran.
I
Aretxabaletako
urtarril-ordaina
asteburu hirukoitz
mamitsu apaina
historia, sormena,
enpresa… bikaina!
kantuz egingo dugu
birpasa labaina
bertsoek ezin dute
dena esan baina.
II
Paulo Iztuetaren
berba bakoitzeko
katebegi bat doa
katea luzeko.
Euskal Herria langai
eta betaurreko
gertakariak dira
interpretatzeko
joan-etorkizunak
bidean lotzeko.
III
Historia guretzat
bete baita nekez
ez zegoen muga bat
osatu du kaltez
hegoaldea bitan
banatu bi atez
tarteko marra herri
harresituz betez
zatiketak hor dirau
kasik mila urtez.
IV
Historia da jantzi
erantzi ezina
urteen ta mendeen
itxuran egina
lehengoak oraingoan
dauka eragina
urruneko sustraia
dugu zubigina
belaunaldi artean
doan bizi mina.
V
Arana eta Campion
hiri eta agro
burdina-zulo edo
gari eta ardo
azalean aldea
apur bat badago
begi osagarri bi
dira sakonago
gu beti izan gara
bat baino gehiago.
VI
Mixel Etxekopar da
kultura-isuri
Xibero, Xiru, Xora
txirula txiruri
maskarada, pastoral
gorri, beltz ta zuri
amak esaten dio
ta hala dirudi
ari dela "egiten
ahuntz deneko zubi".
VII
Etxahun Iruri maisu
harturik gaztetan
belarriz trebatu zen
tuntun-txiruletan
gerora solasean,
urean, haitzetan…
esanean ez bada
ixiluneetan
musika entzuten du
soinu guztietan.
VIII
Sortu, hazi ta egin
eman, hartu, biba!
Hebentik Elkartea
Mauleko distira
libertatearentzat
sosak eskas dira
Xiberoa dantzatuz
bizitik bizira
inork eskatu gabe
egiten ari da.
IX
Sors aita, Sors semea
Jose Mari, Gexan
familia soka bat
liburuen plazan
Elkar Fundazioa
daukate arnasan
zenbaki hutsak ezin
irabazi izan
arimak ere leku
behar du enpresan.
X
Hiru berbatan dagi
proiektuak zita
profesionaltasuna
lehen erreminta
militantetasuna
erroen gonbita
ikusgarritasuna
emaitza polita
merkatuan jateko
geuretik hasita. | news |
argia-31f388a1ff29 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/ganimede-sateliteak-lurrak-baino-ur-gehiago-eduki-dezake.html | Ganimede sateliteak Lurrak baino ur gehiago eduki dezake | Joxerra Aizpurua | 2015-03-29 | Ganimede sateliteak Lurrak baino ur gehiago eduki dezake
Ganimede, Jupiterren satelitea, eguzki sistemako handiena da. XVII. mendean Galileok aurkituz geroztik, urtez urte gero eta datu gehiago ditugu beraren osaketari buruz. Galileo zundak eta berriki Hubble teleskopioak lortutako datu eta irudietan oinarrituz, ia ziurtzat jotzen da Ganimedek ur gazia duela lur azpian, gainazala baino 150 kilometro beherago.
Zientzialariek uste dute barne-ozeano hori gure planetakoak baino hamar aldiz sakonagoa dela: 100 kilometro ingurukoa, hain zuzen. Bertako ur masa handiagoa izan daiteke Lurraren gainazalean dagoen guztia baino.
Itsaso horretan bizia garatzeko baldintzak daudela sinetsita daude ikerlariak. | news |
argia-1118387b09fd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/bada-sekula-epeltzen-ez-den-kafe-bat.html | Bada sekula epeltzen ez den kafe bat | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-03-29 | Bada sekula epeltzen ez den kafe bat
Kafea eta Galletak. Noiz: martxoaren 14a. Non: Astra, Gernika. Musikariak: Morau eta Beñardo.
Berrogeigarren eta, itxura guztien arabera, azken edizioa zuen Kafea eta Galletak egitasmoak hilaren 14an. Han agertu ziren Andoni Tolosa "Morau" eta Beñardo Goietxe, elkarrekin ondu duten Arrainentzako himnoak diskoa zuzenean aurkeztera, Townes Van Zandt-en Live at the Old Quarter komentatzearekin batera.
Inoiz ez da masentzat pentsatutako kontzertu mota izan Gernikakoa, baina 2008an martxan jarri zenetik erreferentzialtasuna lortu du, jotzera gonbidatu dituzten musikariengatik bezainbeste, egitasmoaren originaltasunarengatik. Hilero elkartu, zuzenean aritu behar duen musikariak hautatutako disko bat entzun kafea eta galletak dastatu bitartean –hortik izena– eta ondoren formatu txikiko boloa.
Denbora luzez antolatu gabe egon ondoren, aho zapore ona utzi zuen Gernikako Lekuek festibalaren barruan egindako hondarreko saioak: aspalditik zebiltzan Morau ekarri nahian Leire Lopez antolatzaileak hasieran aipatu zuenez, eta hernaniarraren pop dibertigarriak aurreikuspenak ondo bete zituen. Eguneroko kontuen ironiaz beterik dago Goietxe beratarrarekin batera osatu duen diskoa; eta musikari askok inbidiaz entzungo dituzten melodiaz.
Bereziki hunkigarria egin zitzaidan Hondarribia 2012 kanta, baita The Smiths bertsionatuz kontzertua itxi zuen Bada sekula itzaltzen ez den argi bat ere. Ez niri bakarrik: ikusle batzuek agertoki gainean dantzan esan zioten agur Kafea eta Galletaki.
Bideoa:
Ikusi Morau eta Beñardo Gernikako Astran Zabortegi intergalaktikoa zuzenean jotzen: | news |
argia-a024ee79979a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/21-gramokoa-al-da-azken-hatsaren-pisua.html | 21 gramokoa al da azken hatsaren pisua? | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-03-29 | 21 gramokoa al da azken hatsaren pisua?
Haverhill (Massachusetts, AEB), 1901. Duncan MacDougall medikuak arimaren pisua kalkulatzeko esperimentua egin zuen. Hiltzen garenean arimak gorputza uzten badu, arima pisatzea nahiko sinplea zen, doktorearen aburuz. Gorputza hil baino lehen eta hil eta berehala pisatu besterik ez zuen egin behar. Horretarako adinekoen egoitza batera jo zuen eta hilzorian zeuden sei pertsona lortu zituen esperimenturako. Emaitza: gorpuak gorputz bizidunak baino hiru ontza laurden gutxiago pisatzen zuen eta, beraz, hori da arimaren pisua: 21,26 gramo.
Ondoren hamabost txakur hil zituen eta haiengan ez zuen pisu aldaketarik sumatu. Txakurrek arimarik ez dutela ondorioztatu zuen, jakina.
MacDougallek emaitzaren berri sei urte geroago eman zuen, eta albistea New York Times en agertu zenean, bolo-bolo zabaldu zen. 2003an Alejandro Gonzalez Iñarrituren 21 gramo filmak mitoa berpiztu zuen.
Teoria gezurtatzeko hainbat ahalegin egin dira. Esperimentuaren berri jakin eta berehala, Augustus P. Clarke fisikariak azaldu zuen hiltzean birikek odola hozteari uzten diotela eta gorputzaren tenperaturak bat-batean gora egiten duela. Ondorioz, izerditzea areagotuko litzateke eta horrek azalduko luke 21 gramoko galera, eta txakurrek pisurik galdu ez izana. Txakurrek arima izan ala ez, izerdi guruinik behintzat ez dute eta, beraz, Clarkeren esanetan, 21 gramo horiek izerdiari zegozkion, ez arimari.
Oraintsuago, Francis Crickek –Medikuntzako Nobel Saria 1962an– esan zuen 21 gramo horiek garunaren prozesu fisikoen ondorioz galtzen direla. Haren esanetan, neuronen jarduerak eremu elektrikoa sortzen du eta gorputzak gehiago pisatzea eragiten du horrek. Jarduera eteteko unean, eremua desagertu eta pisua galtzen da, beraz. Baina Crickek ez zuen azaldu MacDougallen txakurrek zergatik ez zuten pisurik galdu, txakurrek ere neurona-jarduera bai baitute.
Baina zientzialari gehienek, besterik gabe, ez zuten arima pisatzeko esperimentu hura benaz hartu. Eszeptikoentzat, arima bera existitzen denik frogatu ezin denean, zer zentzu dauka haren pisua kalkulatzeak? Eta MacDougallek erabilitako metodoa ere ez zen oso zientifikoa. Sei kasuk osatutako laginak ezer gutxi frogatzen du eta, gainera, esperimentuaren ondorioa emaitza bakarrean oinarritu zuen medikuak. Lehen hildakoak 21 gramo galdu zituen, bai, baina gainerako bostek ez –batzuek gehiago galdu zuten, beste batzuek batere ez...– eta medikuak, besterik gabe, emaitza horiek baztertu zituen.
Beraz, arimaren pisua ez zuen ondo kalkulatu, pisua zuenik ere ez zuen frogatu eta, arima tartean egon ala ez, hiltzen garen unean zehazki 21 gramo galtzen ditugula ere ez da egia. | news |
argia-c1260ab651ab | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/oroimen-historikoa-hezkuntzan.html | Frankismoan bizitakoa aitona-amonen ahotik jaso dute Sakanako ikasleek | Ander Leon | 2015-03-29 | Frankismoan bizitakoa aitona-amonen ahotik jaso dute Sakanako ikasleek
Frankismoa eta irakaskuntza ez dira inoiz ondo elkartzen diren bi hitz izan.
Erregimen diktatorialak ez zuen hezkuntza ondo tratatu eta gaur egungo irakaskuntzak oraindik polemikoa den garai historiko hori jorratzerakoan arazoak izaten ditu.
Hutsunea betetzeko Nafarroako hainbat institututan ahozko historia oinarri duen Gogoan proiektua dute martxan; Sakanara jo dugu horren berri jakiteko.
Gerra Zibilaren ostean, matxinatuen garaipenarekin, Errepublika garaian martxan jarritako erreformen porrota etorri zen, eta beste askoren artean, hezkuntzaren hobekuntzarena zegoen. Maisu-maistren fusilamenduak eguneroko ogi bihurtuta, proiektu pedagogikoak erabat aldatu ziren. Prozesu hori azaltzen duten dozenaka liburu, dokumental eta erakusketa badira. Bestalde, Franco diktadorearen heriotzaz geroztik asko izan dira indarrean egon diren hezkuntza sistemak eta batek ere ez du asmatu 1936-1978 garaiari behar bezalako tratamendua ematen. Edozein testu-libururi begiratuta, aipamen orokor batzuk, fase batzuen banaketa eta deskribapen laburrak dira frankismoaren inguruko lagin bakarrak. Gaitegiaren bukaeran egoteak ere ez du laguntzen, eta askotan, denbora faltaren aitzakian, landu gabeko gaien artean geratu ohi da. Emaitza? Gaur egungo gazte askok ikasketak bukatzen dituztela berebiziko garrantzia duen garai horri buruzko ezjakintasunean.
Iragana ahaztea izaten da memoria historikoa aipatzen denean azaltzen den kezka nagusia, baina gizarteak ezin du ahaztu ez dakiena. Transmisio falta da informazio galera horren arrazoi nagusia. Horren kontrako neurritzat har daiteke Gogoan proiektua, hau da, informazioa lortu, jaso eta gorde. Ahanzturaren kontrako tresna informazioaren transmisioa eta bilketa da. Proiektu horren baitan Sakanako herri guztietan ehunka elkarrizketa egin dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek; euren gertukoen iragana deskubritu eta bertatik ikastearekin batera, eskualdeko memoria historikoa ikertzeko datu-base baliotsua osatu dute.
12 urte eta 300 elkarrizketako artxiboa
Ikerketa eta irakaskuntzaren arteko zuloa zabala izaten da batzuetan. Ikerlariak beraien jardunean bizi ohi dira hainbatetan –batzuk konpromiso soziala ahaztu eta endogamia akademizistan erortzeraino–. Irakasle asko, berriz, eroso aritzen dira ikerketatik urrun, testu-liburuetan idatzitakoari baino ez kasu eginez.
Gizarte Zientzien irakaskuntzaz hausnartzean, ikasleen beharretatik urrun egotea izaten da kezka nagusietako bat. Zertarako Historia irakatsi? Helburu nagusia herritar jakitun, kritiko eta parte-hartzaileak sortzea izan beharko luke eta hori nekez lortuko da liburu baten pasarteak errepikaraziz, baizik eta bizi diren gizartean historiak izan duen eragina ikusarazten. Horretarako, irakasle talde batek Gogoan proiektua sortu zuen duela 12 urte, ikerketa ikasgelara eramatea ikaskuntzaren zati garrantzitsua izan daitekeela erakusteko asmoz.
2003ko irailean, Geronimo de Uztariz Institutuak bultzaturik, Gizarte Zientzien didaktikari buruzko jardunaldiak egin ziren Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Geografia eta Historiaren irakaskuntzan ahozko iturriak nola erabili eztabaidatu zen eta Madril, Andaluzia, Aragoi eta Nafarroako esperientziak azaldu ziren. Argi gelditu zen ikasleek asko ikasi zezaketela beren inguruko pertsona heldu eta zaharrengandik. Hala, 2005eko irailean Geronimokideek antolatutako ahozko iturrien inguruko beste kongresu batean abiatu zen Gogoan egitasmoa.
Frankismoaren gaia modu zuzenean jorratu ahal izateko, askotan testu-liburuetan ez dagoen informazioa, bizipen zuzenak alegia, faltan botatzen dituzte ikasgai horietako irakasleek. Hala, Nafarroako hainbat institututako Gizarte Zientzietako mintegietako kideek ahozko testigantzetan oinarritutako proiektuei ekin zieten. Enbor horretatik sortu zen Sakana Gogoan egitasmoa. 2009tik aurrera, ikasleek burututako ikerketa lanari esker 300 elkarrizketa eta beraien transkripzioak dituen artxiboa osatu dute Altsasuko Aralarko Mikel Donea institutuan.
Iragana ikertzea, ikasleen motibazio iturri
Altsasun kokatuta badago ere, Sakana osoko ikasleak hartzen ditu institutuak eta horrek herri guztietako testigantzak jasotzea ahalbidetu du. 4. DBHko ikasleak izan dira lan hau aurrera eramateko arduradunak. "Irakasleak proposatu zigun eta 2. ebaluazioko notaren zati handiena bertatik aterako da. Aurreko ikasturteko ikaskideek lana zertan datzan esan ziguten, gogorra baina polita zela, baina egin arte ez zara jabetzen egiten ari zarenaren garrantziaz" aitortu du Joseba Claverrek, proiektuan parte hartu duen ikasle ohiak.
Gogoanek proposatzen duen lanaren egitura hasieratik finkatuta dago. Adineko pertsona bati eginiko elkarrizketa da gakoa. Aurretik galdetegia denon artean prestatu eta adostu egiten dute. Gaiak eguneroko bizitzaren ingurukoak izaten dira: eskola, gazteria, lana, bikote harremanak, Eliza, politika… Ez dira bilatzen protagonismo berezia izan zuten pertsonak, garaiko egunerokoa islatzen laguntzen duten testigantzak baizik. Elkarrizketa bideoz edo audioz graba daiteke. Grabazioarekin batera, ikasleek testuaren transkripzioa, elkarrizketa artxibatzeko fitxa batzuk eta lau orrialdeko laburpena aurkeztu behar dute. Nahi edo ahal izanez gero, argazkiak edo dokumentu zaharrak ere atxiki daitezke. Nahia Arbizu ikaslea harrituta dago: "Ez nuen inoiz pentsatuko nire aitonak bizitakoak garrantzia izango zuenik. Orain hori ere historia dela ikasi dut eta bere memorian dauden gauzak ateratzean eta gordetzean lan handia egin dugula iruditzen zait".
Ikasleen motibazioan dago arrakastaren gakoa. Beraiek egin behar dute lanaren zatirik astunena eta gogorrena. Batzuetan ez dute elkarrizketatua izateko inor topatzen, beste batzuetan lotsatzen dira eta gehienetan lan handiegia aurreikusten dute. Interesa pizteko asmoz ugari dira irakasleek jartzen dituzten amuak. Ebaluazioaren notaren zati handia izateak pisua galtzen du lana aurrera joan ahala. Gazteak ikerlariak dira, iturri sortzaileak, eta izaera zientifiko horren garrantzia jakinarazi behar zaie. Pertsona arruntak dira elkarrizketatuak, ikasleek ez badute informazio hori jasotzen, litekeena da inork ez jasotzea, eta pertsona horren heriotzarekin batera barnean duen informazioa betirako galtzea. Horregatik lana ondo egin behar dute, informazio zehatza eta ona lortzea da helburua.
Ildo sentimentala ere garrantzi handikoa da. Aitona-amona eta biloben arteko harremanak asko estutzen dira. Ikasleek inoiz imajinatuko ez zituzten gertaerak entzuten dituzte: "Inpresio handia hartu nuen amona negarrez ikusi nuenean –dio hunkituta Ibai Lopez gazteak–. Gosearena banekien, beldurrarena ere bai, baina anaia hil zela kontatu zigunean benetan zirraragarria izan zen". Gurasoen gurasoek bizitakoaren garrantziaz ohartzen dira eta liburuek jasotzen ez dituzten historiak ere badaudela ikasten dute. Aitona-amonek gustura hartzen dute bilobaren bisita eta beraien iraganean jarritako interesa. Familia osoko ekitaldia izan ohi da. Ez dira gutxi lanaren kopia eskatu duten izeba-osabak edo, urte batzuk pasata, hil berria den aitonari egindako elkarrizketaren kopia eskatzera institutura gerturatu direnak. Egunen batean gaur egungo gazteen bilobek beraien birramona-birraitonek gaztaroaren bizipenak ikusteko aukera izango dutela pentsatzeak ilusioaren irribarrea ateratzen die. Historia jada ez da liburuan dagoen zerbait abstraktua, errealitatean gauzatzen da, eta protagonistak beraiek eta beraien senideak dira. Frankismoak egunerokoan zeukan eragina antzeman dute, beldurra, gosea, Elizaren papera, emakumeek jasotzen zuten trataera edo militarren eragina. Oroimenean murgiltzen dira.
Teknologia berrien erronka
Aurtengo ikasle sakandarrek bisita berezia jaso dute. Beraien lana ezagutzeko aukera izan du Laura Benadiba unibertsitateko irakasle argentinarrak (ikusi 8. orrialdeko koadroa). Benadiba ahozko historian aditua da eta herrialde hartako ORT eskolako Campus Virtual -eko zuzendaria. Nafarroarekin harreman estua du, azkeneko urteetan maiz etorri da Geronimo de Uztariz institutuarekin duen lankidetzari esker, eta azkeneko bisitaldia aprobetxatuz Sakanara hurbildu da Gogoan proiektuaren nondik norakoak ezagutzera eta bertako gazteekin solastera. Oso emankorrak izan dira ikasleekin izandako topaketak. Laura Benadibak ikasleei jakin-mina sorrarazi zien galderen bidez. Ikasleak beraien lanaren garrantziaz jabetu dira: "Lauraren bisita oso interesgarria izan da. Ikusi dugu munduko beste puntan ere gu bezala ibiltzen direla, diktaduraren inguruko testigantzak jasotzen artxiboak osatu ahal izateko. Etorkizuneko historialarientzako tresnak sortzen ari gara. Agian gaur egun egiten dugunaren garrantzia ez da ikusten, baina hamarkada edo mende batzuk barru bai", dio Sara Gonzalezek.
Dagoeneko 300 testigantzatik gora duen ahozko iturrien artxiboa dago Altsasuko Aralarko Mikel Donea institutuan, herriz herri eta elkarrizketatuaren jaiotako urtearen arabera antolaturik. Batzuetan ikerlari gazteen aitona-amonak ez dira Sakanan jaiotakoak, eta beraz, Andaluzian, Galizian, Extremaduran edo Gaztelan frankismoan gertatukoaren testigantzak ere aurkitu daitezke bertan. Ikasleek dioten moduan, historialariek lana errazagoa izango dute etorkizunean.
Gogoan proiektuaren etorkizunak duen erronka nagusia teknologia berrien erabilera da. Teknologiarik gabe ezin gorde ahozko historiarik. Duela ez gutxi grabagailua asmatu ez balitz, testigantzak jasotzea zailagoa izango litzateke. Gogoaneko arduradunen eta ikasleen artean denboraren langa nabarmen handitzen da, duela hamar urte zintan grabatzen zutela esaten dietenean. Orain dena da digitala, telefono mugikorrarekin egiten dira grabazio gehienak, eta oso erraza da sarean denontzat ikusgai jartzea. Hori guztia bideratzea eta arautzea da hurrengo helburua. Izan ere, elkarrizketatuek artxiboa osatzeko baimena eman dute, baina ez publiko egiteko. Horrela, webgunea sortzeko aukera hankamotz geratzen da.
Inork ez daki hemendik urte batzuetara zer jazoko den; ziur dakigun gauza bakarra zera da, etorkizun hurbilean frankismoa jasan zuen jenderik ez dela bizirik geratuko. Baina Nafarroako Sakanan behinik behin, gaztetxoen lanari esker garai hartako eguneroko bizitzari buruzko testigantza zabala eta zehatza kontsultatu ahal izango da, modu batez edo bestez. | news |
argia-67c10baee270 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/burujabe-izateko-herria-egurrez-berotu.html | Burujabe izateko, herria egurrez berotu | Iker Barandiaran | 2015-03-29 | Burujabe izateko, herria egurrez berotu
Aramaioko 1.543 biztanleetatik, 900 baino gehiago herrigunean bizi dira, Ibarran, eta gainontzekoak baserri-auzoetan sakabanatuta. Udalaren eta herritar askoren helburuak betetzen badira, datorren negurako Aramaio izango da herrigune guztia –eraikin publikoak eta etxebizitzak– egurrezko biomasarekin berotuko duen Euskal Herriko lehen udalerria.
Aspaldi gorpuztu zuten Aramaion landa garapenaren aldeko ekimen iraunkorra, Udalaren eta hainbat herritarren ekimenez. Helburu nagusia bertako baliabideen azterketa egin eta garapen jasangarria bermatzea zen. Jasangarritasuna hiru eremutan aurreikusi zuten: soziopolitikoan, ingurumenekoan eta ekonomikoan. Eta horretarako funtsezkoa ikusten zuten burujabetasunaren alde egitea hiru esparru nagusitan: elikaduran, energian eta turismo-aisian.
Testuinguru horretan eta udalerrian nagusi zen gas propanoaren prezioaren gehiegikeriez nazkatuta, harremanetan jarri ziren hainbat enpresa eta erakunderekin, energiaren gaineko ikerketak egiteko. Eta behin energia hidraulikoa, eolikoa, eguzkiarena eta biomasarena aztertuta, konturatu ziren azken hori zela Aramaiorako egokiena eta bideragarriena. Are gehiago, berorrena zela landa garapeneko ekimenak zirriborratutako oinarrira gehien hurbiltzen zena.
Lehengai berriztagarri eta garbia
Biomasa, prozesu biologiko baten bidez lortutako materia organikoa, lehengai berriztagarria da. Aramaion zurezko biomasa aukeratu dute, egurrarena. Abantaila ugari antzeman dizkiote: herrian berotasuna sortzeko energi iturri agortezina dela; garbia; merkea, lehen sektorea bultzatzen duena; eta, gainera, lanpostuak sortzeko aukera ematen duena.
Bukatzear dagoen legealdi honen erdian udalerrian biomasa sustatzeko taldea eratu zuten, eta ordutik astero batzen da udaletxean. Talde irekia da, oso mota desberdinetako herritarrek osatutakoa: badira baso-jabeak, kaletarrak, ingurumenaz eta basoetako espezieez interesa dutenak, udal ordezkariak... Euskal Herritik kanpo gauzatu diren esperientziak ezagutu dituzte, Aramaion jarri beharreko azpiegituren gaineko azterketak egin dituzte, basoen egoera eta ustiapenari buruz hausnartu dute, zalantzak mahai gainean jarri eta partekatu dituzte... Eta ondorioztatu dute udalerriko basoetan –publiko zein pribatu– biomasa bidez energia nahikoa sortzeko baliabideak dituztela, baso-jabeek proiektuan interesa dutela, eta Aramaioko herrigunean, Ibarran, bere hedadurarengatik, obra zibila neurrikoa –txikia– egiteko baldintzak betetzen direla. Horregatik erabaki zuten biomasa bidezko energiarako azpiegitura landu eta lehen fasean herrigunean ezartzea. Bigarren fasean ezarriko lukete baserri-auzoetan.
Energiaren kudeaketa publikoa
Aramaioko alkate Ramon Ajuria proiektuaren bultzatzaile sutsua da. Uste du etxeetan berotasuna izatea eskubidea dela, eta ez luxua. "Energiaren kudeaketa publikoa defendatzen dugu. Energia herritarren ondare bilakatu beharko litzateke, negoziorako erabili ordez oinarrizko eskubide bilakatzeko. Gaur egun kanpoko merkatuen menpe gaude, prezioak nahi beste igotzen dituzte eta aukera edukiz gero, gure kasua den bezala, burujabeak izan behar dugu. Gure baliabideak erabiliz, prezioak guk jarri behar ditugu eta proiektuaren etekinak herriarentzat, herritarrentzat izan behar dira".
Ingurumenaren alde egin nahi dutenek ere argudio ugari dituzte aukera honen alde egiteko: biomasa energia berriztagarria dela, agortezina, egurra erretzeak sortutako CO2-a zuhaitz eta landare gehiago landatuz berdintzen dela, errautsek ongarri gisa balio handia dutela, basoak zainduta izateko modua dela eta era berean suteak ekiditekoa, bertako espezieak indartzeko modua ere badela...
Etekinak, herritar guztientzat
Sustatzaileen esanetan badira onura gehiago ere, herritar ororen egunerokoari eragingo lioketenak. Horien artean, garrantzitsuena fakturaren prezioa da. Udalak zenbaki zehatzik aurreratu nahi ez badu ere –prezio murrizketa proiektura atxikiko direnen araberakoa izango delako, besteak beste–, energia fakturak nabarmen murriztuko lirateke eta urte gutxian, gainera, azpiegitura erabat amortizatuko litzateke. Udalak galdara eraiki beharko luke herrigunean, baina etxebizitza partikularretan ez litzateke obrarik egin behar.
Argudio sozialekin jarraituta, Udalak ezarriko luke egurraren prezioa eta interesa duten udalerriko baso-jabe guztiei erosiko lieke. Energiaren kostua ere Udalak berak zehaztuko luke. Argindarraren banaketa erakunde publikoak gauzatu ahal izango luke herrian lehendik eratuta duten Aramaio Argindar Banatzailea enpresa publikoaren bitartez. Bultzatzaileek aurreikusten dute lanpostu batzuk sortu ahal izango liratekeela. Ez hori bakarrik, Aramaioko enpresa publikoak kudeaketaz arduratuko direnez, etekin ekonomikoak udalerrian geldituko dira.
Erakunde eta udalerri, adi proiektuari
Prozesu honetan guztian zehar Udalak eta ekimenaren ordezkariek Espainiako hainbat erakunderekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta beste hainbatekin bilerak egin dituzte, eta guztiek oso begi onez ikusi dute proiektu aitzindari hau. Euskal Herrian badira eraikin publikoak biomasaren energiaz berotzen dituzten udalak, baina Aramaio lehena izango litzateke herrigune oso batean halako sistema ezartzen. Baita Espainiako Estatuan ere.
Ingelesez District Heating esaten zaion sistemak hiru fase ditu. Lehenean, mendietatik egurra lortu eta erregai bihurtuko dute. Horretarako, baso-jabeekin osatutako taldeak lehengaia lortu, txikitu eta pilatuko du. Bigarren fasean, galdaran errekuntza prozesua gauzatuko dute. Galdara jartzeko inbertsioa egin behar da, eta horretarako harremanetan daude Energiaren Euskal Erakundearekin (EVE), besteak beste. Hirugarren fasea ur beroa etxez etxe banatzea da. Horren kudeaketa Aramaioko Argindar Banatzailea enpresa publikoak egingo luke. Hiru faseetako bakoitzean lanpostuak sortzeko aukera egongo litzateke.
Proiektuaren bultzatzaileek eta Aramaioko Udalak argi dute egingarria dela, eta onura ugari dituela; horregatik gogor ari dira lanean herritarrei apustu honen berri ematen. Baina, ezinbestez, aurrera egin ahal izateko haien atxikimendua behar dute, sinadura eta guzti.
Horretarako, Arteman Komunikazioa enpresak lagunduta, hainbat iniziatiba lantzen dihardute. Proiektuaren eta biomasaren nondik norakoak azaltzen dituzten esku-orriak etxez etxe banatu dituzte, herritar guzti-guztiak zuzenean batzarrera deitu dituzte azalpenak eman eta eztabaida sustatzeko, beste herrialde batzuetako adituak hitzaldiak ematera gonbidatu dituzte eta egunotan erakusketa jarri dute Sastiña aretoan. Bertan panel argigarriak daude, baita propio landutako ikus-entzunezko bat ere.
Herritarren atxikimenduak jasotzen
"Bada beti aldaketei beldur pixka bat dionik", azaldu du Ramon Ajuria alkateak, "baina apustu honen onurak mahai gainean daude, eta modu ezin hobea da guk daukagunari, gure baliabideei, ustiapen egokiaren bidez, merezi duten balioa emateko, aramaioar guztion mesederako".
Proiektua bideragarria izateko beharko lituzketen atxikimenduen erdia baino gehiago eskuratu dituzte jada, eta lanean ari dira gainontzekoak lehenbailehen hel daitezen. Bitartean, Euskal Herriko beste udalerri eta erakunde asko Aramaion emango den pausoari arretaz begira daude. Eta, ziur, Aramaion martxan jarri ostean, beste askok jarraituko diotela, hainbestetan aipatzen dugun burujabetasuna praktikan jartzeko adibide gardena baita honakoa. | news |
argia-29e737910732 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/elikadura-burujabetza.html | Eskola-jantokietan elikadura osasuntsu eta gertukoa aldarrikatu dute gurasoek | Mikel Garcia Idiakez | 2015-03-16 | Eskola-jantokietan elikadura osasuntsu eta gertukoa aldarrikatu dute gurasoek
Eskola-jantokien kudeaketa catering enpresa handien menpe dago EAEko ikastetxe publikoetan, araudiak hala sustatuta. Ikastetxeak berak bere jantokia kudeatu ahal izatea eta horren bidez elikadura osasuntsua, gertukoa eta bidezkoa bermatzea aldarrikatu dute gurasoek.
Lau urtetik behin, ikastetxe publikoetako 2 eta 16 urte bitarteko ikasleen 92.000 menu gestionatzeko lehiaketa publikoa deitzen du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Jartzen diren baldintzek aukerak asko murrizten dituztela, enpresa txikiei eta tokian tokiko ereduei bidea ixten dietela eta ondorioz jantokietako gestioa zazpi enpresen esku dagoela salatu du EHIGE gurasoen elkarteak.
Ikastetxe kontzertatuetan ez bezala, eskola publikoko gurasoek "ezin dute aukeratu zer jango duten euren seme-alabek, ezta jakien jatorria ere", kritikatu dute.
Araudi berriaren premia
Jaurlaritza datozen lau urteetarako baldintzak ezartzen ari den honetan, araudi berria eskatu dute, ikastetxeak autonomia izan dezan jantoki eredua hautatzeko: "Eskola bakoitzak aukera izan beharko luke erabakitzeko jantokia catering edo janari zerbitzua eskatzen duen enpresa baten bitartez kudeatu nahi duen, ala jantokia zuzenean kudeatu nahiago duen", adierazi du Lurdes Imaz EHIGEko kideak.
Gaur egun, ikastetxeak jantokiaren kudeaketa bere gain hartzeak administrazioaren baldintzetatik kanpo geratzea eta beraz diru-laguntzarik ez izatea dakar.
Ikastetxeak sukaldari eta langileak zuzenean kontratatu eta inguruko denda, ekoizle eta baserritarrekin lan eginez gero, elikadura osasuntsuagoa lortuko litzatekeela ziur da EHIGE, tokian tokiko eta sasoiko produktuez hornitua, ingurumenarekiko jasangarriagoa (urrutiko elikagaiak garraiatu beharrean), bertako ekonomia bultzatzeko lagungarria eta langileen lan baldintzen mesedetan.
Lau ikastetxetan proiektu pilotua
Irailetik aurrera, proiektu pilotua abiatuko dute lau ikastetxe publikotan, EAJ eta EH Bilduren akordioari esker. Horietan, guraso elkarteek eurek kudeatuko dute ikastetxeko jangela, eta ez catering enpresa batek.
Larrabetzuko eskola, eredu
Jaurlaritzaren diru-laguntzetatik kanpo geratu arren, Larrabetzuko eskola publikoak betitik autogestionatu du ikastetxeko jantokia. Guraso elkarteak zuzenean kontratatzen ditu langileak eta ikasleek bertako produktuak kontsumitzen dituzte, bertako sukaldean prestatuak.
"Hemengo jantokiak beti erosi izan du herriko harategian, arrandegian eta denda txikietan. Eta baserritarren produktua ere bai, ahal den neurrian. Zer da zure seme-alaben elikadura baino garrantzitsuagoa?", kontatu digute larrabetzuarrek, Autogestioa jangelan erreportajean. Azken finean, elikaduran hezteko ere baliatzen dute jantokia. | news |
argia-393fcb34ada3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/pettiren-bost-kantu-eder.html | Pettiren bost kantu eder | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2015-03-29 | Pettiren bost kantu eder
Astirtitan, Petti. Bonberenea Ekintzak, 2014.
Azaleko irudiak adierazten duen bezala, lan iradokitzailea da Astirtitan . Melodia politak, hunkigarriak eta mingotsak, giro lasaiak, eta rock erritmoak entzun daitezke. Nahiko lan gordina da, gehiegizko apaindurarik gabe ekoitzia. Kantuak ederrak dira, "nahiko biluziak" Pettiren esanetan.
Grabazio saioetan, Pettirekin hainbat musikari handi aritu dira: Karlos Aranzegi (perkusioak), Iñigo Telletxea (baxua), Igor Telletxea (bateria), Joxan Goikoetxea (kordiona), Estitxu Pinatxo (ahotsak) eta Freddi Pelaez (Hammond b3).
Kantu guztien musika Pettik konposatu du. Pettik berak Egunero eta Argiak kantuen hitzak idatzi ditu, Harkaitz Canok Suerteren Bluesa eta Erramurik gabeko gauak kantuenak, eta Bernardo Goietxek Hil arte edan kantuarena.
Bost kantuak Iñaki Bengoaren eskutik Shot estudioan eta Jonan Ordorikaren eskutik Katarain estudioan grabatuak izan dira. Masterizazioa Karlos Osinaga Txap ek egin du, Bonberenea estudioan. Miren Karmele Gomezek diskoaren azala egin du, J.A. Areta Goñi Juxe k argazkia eta Imanol Urizarrek diseinua eta maketazioa. Denen artean lan handia egin dute eta bikain osatu dute Astirtitan lana.
Petti (Bera, Nafarroa, 1973) musikari eta musikagile handia da, aparta. Astirtitan lanaren aurretik, beste bost bakarkako disko kaleratu ditu, Gaztelupeko Hotsak eta Bonberenea Ekintzak zigiluekin – Amets bat (1999), Arrazoiak (2001), Etxeko Uzta (2002), On (2007) eta Awañak (2008)–, eta Anari, Txuma Murugarren, Rafa Rueda, Xabi Señor No edota Barrence Whitfield-ekin grabatutako diskoak ere kaleratu ditu.
Blues, rock eta folk iturrietatik edaten du, aire horiek bere kantuetan sumatzen ahal dira, baina bere-berea duen doinu bat sortu du, urtez urte, kantuz kantu, emanaldiz emanaldi eta diskoz disko osatu duen doinua. Doinu hori berehala ezagutzen dugu bere kantu bat entzuterakoan, musikari handia izateaz gain Pettik abesteko, gitarra jotzeko, eta kantuak sortzeko eta interpretatzeko modu berezi bat baitauka, paregabea.
Pettiren bihotza handia da, kantuen bidez bere ezinegona, kezkak eta sentipenak indar eta kemen handiz transmititzen ditu, eta berehala hunkitzen gaitu. Bere ahots urratu eta sakona erraietatik ateratzen du, bluesaren arimaz kutsatuta.
Jadanik zazpi urte pasatu dira Pettik bakarkako aurreko lana kaleratu zuenetik, eta bere disko berri bat entzuteko irrikan ginen aspalditik. Baina denbora horretan Petti ez da geldirik egon, Oroitzapenerako kantak III (2013), Beltza. Bye, bai, Cash (Gaztelupeko Hotsak, 2011), Imanol Urbieta, bakarrik eta libre (Elkar, 2013) eta Lou Reed, mila esker (2014) bildumetan parte hartu baitu. Gainera, jendaurreko emanaldiak egiten aritu da, bakarka, taldearekin edo beste musikari batzuekin: Balerdi Balerdi taldearekin, Gau-beranduan emanaldian Harkaitz Canorekin eta Joxan Goikotxearekin, eta Sortuko dira besteak kantaldian ere bai, esaterako.
Astirtitan "trantsizioko disko bat" izan daitekeela onartu du musikariak berak, baina udazkenerako lan luze bat kaleratzeko asmoa dauka, "disko rockeroagoa izango da, indartsua, gordina", bere hitzetan. Disko berri hori entzuteko gogoz gaude, zain. | news |
argia-bcf951c8cc76 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/gizonak-eta-feminismoa.html | Botereari uko egiteko ordua | Mikel Garcia Idiakez | 2015-03-29 | Botereari uko egiteko ordua
Indartsu ari da mugimendu feminista, eta zenbait diskurtso eta praktika gizartean barneratzea lortu du dagoeneko. Berdintasunaren bide horretan, non kokatzen dugu eta kokatu behar dugu gizonok gure burua? Baliagarriak al dira gizon taldeak? Nola jokatu behar dugu benetan harreman orekatuak garatzeko eta ildo horretan zer dute hobetzeko herri mugimendu eta antolakundeek? Jabetzen al gara ditugun pribilegioez eta zeintzuei eta nola egin behar diegun uko? Ala ez gaude horretarako prest? Azken finean, posizio hegemonikoa utzi eta bigarren lerrora igarotzea erasotzat hartzen du hainbatek. Horretaz guztiaz eztabaidatzeko mahaiaren bueltan elkartu ditugu Miren Aranguren Bilgune Feministako kidea, Jokin Azpiazu soziologoa eta Ander Bergara Emakundeko teknikaria.
Zein da gizonaren egitekoa mugimendu feministaren aurrean eta berdintasunaren bidean? Inplikatu behar da (protagonismoa hartzea eta paternalismoz jokatzea leporatu dakioke) ala begirale izan behar du (nahikoa ez egitea leporatu dakioke)?
Jokin Azpiazu: Beharbada gizonezkoek ez dugu feminismoaren aurrean zerbait egin behar edo postura bat hartu behar. Arazo bat eduki badaukagu, deitu patriarkatua edo deitu genero sistema desorekatua, eta horren aurrean erreakzionatu behar dugu, arazo horren aurrean kokatu behar dugu gure burua, ez horri aurre egiteko dagoen feminismoaren aurrean. Gerora bai, teoria, pentsamendu, mugimendu eta are sentimendu feministarekin zein harreman mota nahi dugun pentsatu behar dugu bakoitzak, baina gure lehenengo kokapena da arazoa gure egitea eta konturatzea arazo bat dagoela, politikoa, etikoa… Aurpegi ezberdinak dituen arazoa.
Inplikatzea ala ez inplikatzea planteatu duzu galderan; hasteko, pentsatu behar dugu zer den inplikatzea eta nola birpentsatu dezakegun inplikazioa bera zer den. Historikoki, are gehiago Euskal Herrian, inplikatzeak harremana izan du abangoardiarekin eta oso ikusgarri eta publiko izatearekin. Zentzu horretan, diozunean inplikatzearen arrisku bat dela protagonismo handia hartzea, zerikusia du inplikatzearen atzean ulertzen dugunarekin. Niri burura datorkit Mursegok abesten duen Retaguardia eta Carolina León Madrilgo idazleak artikulu ugaritan landu duen atzeguardiaren ideia: ekintza politikoa ez ulertzea beti abangoardiaren eta lehenengo lerroaren ikuspegitik, eta horrek pistak ematen dizkigu pentsatzeko zein inplikazio mota har dezakegun gizonezkook feminismoarekiko. Ekintza eta ez ekintzaren arteko harremanaz gogoetatzea da: badirudi ekintza beti zerbait aktiboa dela, propositiboa dela, aurrera egiten duela, baina ez egite aktiboa nola landu ere pentsatu beharko genuke, gizonezkook gai feministetan lekuren bat aurkitzeko, baina protagonismoa eta abangoardia bilatu gabe.
Lehenengo gauza, gizonezkook burutik kendu behar dugu gure bidea edo gure forma egiteko behar hori, eta behar hori lotuta dago abangoardiaren ideiarekin. Alegia, zer egin behar dugu gizonezkook patriarkatuaren aurrean? Sortu behar al dugu gure ikuspegia?, begiratu behar dugu arazoa gure talaiatik?, zer egin pentsatu behar dugu?… Bada, ez. Ez dugu zertan edozein arazoren aurrean guk gure definizioa eta bidea egin, egitekoa gehiago izango da mugimendu feministarekin harremanetan egin behar duguna. Jakin behar dugu mugimendu feministaren alboan egoten; ez alboan babesteko edo ikuspegi paternalista batetik, baizik eta gizonezkook gai izan behar dugulako guk geuk erabat diseinatu ez dugun edo eskua sartu ez dugun zerbaitetan parte hartzeko, lehenengo hitza eta azkena izango ez dugun, eta agian hitz askorik izango ez dugun zerbaitetan, egon gabe erdigunean edo posizio ikusgarri batean. Zentzu horretan, onartu behar dugu gure posizioa zaila eta arraroa dela, baina jakinda beste batzuei gai honekiko posizio zail eta arraroagoak egokitu zaizkiela. Gure posizioa ez da erosoa eta deserosotasun produktibo bat sortzea izan behar da helburua.
Miren Aranguren: Hain juxtu, feminismoak planteatzen duen eta feminismo erradikalaren abiapuntuan dagoen "pertsonala politikoa da" leloak ondo adierazten digu ez dela bide erraza izango, gure alde ilunenak ere ukitzen dituelako. Barruraino iristen da, odoleraino, gure janzkerara, posturetara, jarduteko eratara, parte hartzeko moduetara… Dena kuestionatzen du eta ez da erosoa ez batzuentzat ez besteentzat. Ez zait gehiegi gustatzen bitan banatzea, ez garelako bakarrik emakumezkoak eta gizonezkoak, eta horiek ere ez garelako bloke homogeneoak. Gizonen parte-hartzea zein da? Orokorrean ez dakit, gizon batzuena akaso zehaztu dezakegu. Subjektu politikoaren inguruan egon den ekarpena (bollerak, transgeneroak, jatorriari lotutakoak…) eta intersekzionalitatearen ideia ere garrantzitsua iruditzen zait, ez bakarrik emakumezkoez ari garenean, baita gizonezkoei buruz ari garenean ere.
Bestalde, egia da gizonek protagonismo handia izan dutela mugimendu guztietan eta oso zaila zaie eroso sentitzea hasieratik, behintzat antolakuntzan, kanpoan utzi dituen mugimendu batean. Mugimendu feministan ez dut ikusten gizonek parte hartu behar dutenik, antolakuntzan, egituretan, asanbladetan… Beste gauza bat da borroka feministari zein ekarpen egin ahal zaion eremu ezberdinetatik, eta batzuetan ahaztu egiten dugu eremu pila bat ditugula lanerako, eta horiek erabat uztargarriak direla borroka feministarekin eta patriarkatuaren kontrako ekintzarekin. Izan ere, patriarkatua ez da aparte dagoen sistema bat, guztiz lotuta doaz kapitalismoa eta patriarkatua gurean, eta kapitalismoaren aurka edozein eremu eta eragin gunetik egin dezakegun moduan, patriarkatuaren aurka ere berdin egin dezakegu. Emakumeen asanblada jakin batean parte hartu behar al dugun begiratzen egon baino, zergatik ez dugu patriarkatuaren kontrako ikuspegia txertatzen gure asanbladan? Gaur egun dugun hutsunea hori da: borroka edo ikuspegi feminista ez da lehenesten, bigarren mailakoa dela ere entzun behar izan dugu, ez dela momentua, bada goazen hori aldatzera, eta aukera handia dago hor parte-hartzerako. Ulertuta, aldi berean, parte hartzeko modu asko dagoela eta gai honetan parte-hartzea oso lotuta dagoela aurrerapausoa eman ordez atzera egitearekin, isiltzearekin, entzutearekin eta parte hartzeko bestelako moduak garatzearekin.
Ander Bergara: Nik jakin ez dakit gizonon zereginak zein izan behar duen mugimendu feministaren aurrean. Egia borobilak baino, galderak ditut gai honetan, eta oso konplexua dela iruditzen zait. Herritar bezala, arazo larri bat dago, egiturazkoa, emakumeek sufritzen duten diskriminazioa, eta herritar bezala erantzukizun bat daukagu, giza-eskubideak urratzen ari direlako. Horren aurrean, zerbait egin beharra daukagu, gizon nahiz emakume izan. Kasu honetan, batez ere egin behar duguna da norbere buruari begiratu eta ikusi zenbaterainokoa den sexismoaren eragina, gizonok egunero aztertu behar dugu egiten eta pentsatzen duguna, ikusteko zein neurritan datorren bat berdintasunarekin. Etengabe kuestionatu behar dugu gure burua. Filosofia bat izan behar du berdintasunak, gure pentsamenduan eta eguneroko praktikan presente egongo dena, eta ez da hainbeste pankartaren atzean jartzea, bizitzeko modu bat baizik. Gizonak botere posizio batean egon gara eta botere posizio horrek eman dizkigun pribilegioei gure egunerokoan uko egitea dagokigu: elkarbanatzea botere hori, aisialdia, zaintza… Hori da egin dezakeguna. Pribilegioei uko egiteak gutxienez bi sari ditu: pertsona askeagoa izatea batetik, eta humanoagoa edo osoagoa bestetik, garapen pertsonal osoagoa eta libreagoa izateko aukera ematen dizulako.
Biktimizazioa izan dute mintzagai mahaikideek. "Gizon ugariri entzuten diodan diskurtsoa abiatzen da 'patriarkatuak ni ere zapaltzen nau' ikuspegitik, baina emakumeak gara erasoa jasaten dugunak", dio Arangurenek. "Zer gertatzen da boteredunarekin boterea kuestionatzen denean? Asaldatu eta haserretu egiten dela. Min hori pentsatzeko eta kudeatzeko tresnak behar ditugu, ez dadin bihurtu biktimizazio eta diskriminazio ikur", gaineratu du Azpiazuk.
Gizon taldeak ugaritu dira eta batez ere maskulinitatea dute mintzagai. Zein mailatan dira garrantzitsuak halako taldeak? Maskulinitatea eraldatzeak (genero rolak apurtzeak) laguntzen du gizon-emakumeen arteko botere harremanen desoreka gainditzen?
A. Bergara: Ni ez naiz inoiz gizon talde baten partaide izan eta ez dakit zehazki zer lantzen duten, baina ezagutzen dudanagatik gehienak berdintasunaren alde posizionatzen dira eta aipatu berri dudan berraztertze lan hori egiten ari dira. Inpresioa daukat fede onez ari den jendea dela eta maskulinitate hegemonikoa kuestionatzeaz gain feminismoaren aldarrikapenak ere babesten dituztela. Nire ustez, aliatuak izan nahi dute berdintasunaren aldeko borroka horretan eta ikusita hainbat atzerapauso ematen ari direla (abortu legearen proiektua, berdintasuna hezkuntza sistematik ateratzea, udaletan berdintasun konpetentziak kentzea…), feminismoak ahalik eta aliatu gehien behar ditu, bizi dugun egoera honi aurre egiteko gutxiengo batzuk adostuta. Alde horretatik, egiten diren ekarpen horiek ongi ikusten ditut orokorrean.
M. Aranguren: Nik ez dakit benetan zenbateraino ugaritu diren eta ez dakit esaten zenbateraino diren garrantzitsuak. Ez diot inori esango zertan antolatu behar duen eta zertan ez, baina mugimendu feministako kide gisa ez ditut ikusten hain beharrezko egiturak. Aldiz, bai ikusten dut talde horietan ematen diren eztabaida batzuk oso interesgarriak direla, adibidez pribilegioekin lotutako guztia. Oso zaila da genero rolak deseraikitzea eta bide horretan denok hitz egin eta hausnartu behar dugu, denok deseraiki ditzagun. Bestelako maskulinitate ereduei eta pertsona izateko beste modu batzuei bide egin behar zaiela ere uste dut. Hala ere, iruditzen zait, sarri fede onarekin izan arren, joera dela biktimizazioan erortzea. Hau da, oso zaila da onartzea gu garela zapaltzaileak, niri oso zaila egiten zaidan moduan onartzea txuri bezala beti egongo naizela beste azal kolore bat dutenen jomugan, baina hori onartu behar dugu lehenik: garenak non kokatzen gaituen eta zein pribilegio eta aukera ematen dizkigun bakoitzari. Nioen moduan, askotan erortzen gara biktimizazioan, eta saiatzen gara ikusten berdintasunak eta patriarkatua amaitzeak zein onura ekarriko lizkigukeen, baina ez galerak, eta gizon askoren bizimoduan galera handiak ekarriko lituzke, nahiz eta bai, askeago izan eta humanizatu. Azkenaldian gizon ugariri entzuten diodan diskurtsoa abiatzen da "patriarkatuak ni ere zapaltzen nau" ikuspegitik, "nik ez dut nire burua erasotzaile gisa identifikatzen", baina emakumeak gara erasoak edo eraso potentzialak jasaten ditugunak.
Berriz ere errepikatuko dut: eremu pila bat daude aliantzarako eta elkarlanerako; mugimendu feministak ez ditu behar gizon taldeak, behar duena da alderdiak, sindikatuak, herri mugimenduak, erakunde publikoak, enpresak, etxeak… dagoeneko ditugun egitura horiek guztiak aldatzea eta birpentsatzea, emakumeen parte-hartzea sustatzeko estrategiak martxan jartzea, ikuspegi feminista txertatzea, lehenengo ilaran dauzkagun gizon horiek bi pauso atzera egitea. Hori da mugimendu feministari egin behar zaion ekarpena, indartzeko. Noski aliatuak izan behar ditugula ahal den eta leku gehienetan, baina iruditzen zait aliantzek jo behar dutela dagoeneko sortuak ditugun egiturak birpentsatzetik.
J. Azpiazu: Ez dago gizon talde askorik Euskal Herrian, bospasei izango dira aktibo daudenak. Lehen planteaturiko ekintza eta ez ekintza dilema dugu berriz mahai gainean. Kontua da norberak jarduera bat egiten badu baina ez badu publizitatzen, oso zaila dela norberaren helburuak promozionatzea, eta gizon taldeetan sarri eman den eztabaida da ea noraino publizitatu behar duten euren jarduera. Ezagutzen ez ditugun gizon talde gehiago egongo dira, gai hauetaz hitz egiteko geratzen diren lagun taldeak, baina tentsio hori bizirik dago: publizitatea egiten baduzu botere jarduera batean eror zaitezke, gizarteak eskaintzen dizun ikusgarritasuna baliatu dezakezu, eta publizitatzen ez bazara transzendentziarik gabeko kolektibo txiki-txikia bilakatu zaitezke. Esango nuke gero eta talde gutxiago daudela; gizon taldeek kontraesan horiek aurkitu dituzte bidean eta hori positiboa da, irakurketa kritikoa egin delako, eta agian talde batzuek jarraituko dutelako, baina jarduera publikorik egin gabe, eta horregatik ez ditugu ikusten.
Gizon taldeen formula berez oso interesgarria izan daiteke, baina aldi berean oso konplexua, ez bakarrik gizon gehienek ez dutelako gogorik halakoetan parte hartzeko, baita abiapuntuagatik ere: zergatik eta zertarako elkartu behar gara gizonok gizonokin, gauza batzuez hitz egiteko? Rol eta posizio partekatu bat asumitzetik eratorri daiteke, adibidez "denok izan gaitezke zapaltzaileak", eta hori lantzeko beharrak elkartzen du gizon taldea. Baina maiz gizon taldea ulertzen da emakume taldeen ifrentzu gisa eta hor desberdintasun handi bat dago: emakume taldeak sortu zirenean (60-70eko hamarkadetan talde feminista bihurtuko zirenak), zapalkuntza esperientzia partekatzetik sortu ziren. Gizon taldeetan ere, elkartzen gaituena baldin bada partekaturiko esperientzia bat eta esperientzia hori zapalkuntza esperientzia bada, biktimizazioan eror gaitezke. Eta biktimizazioan erortzeak arazoak dakartza, askotan adibidez gizon taldeen eta mugimendu feministaren artean, normala delako bere burua zapalduta ikusten duenak goikoari esatea "hor goitik esaten didazu zapalduta zaudela, hemen azpian zaudela, baina nik ez zaitut hemen azpian ikusten". Eta kontrara, zapaltzailearen rol partekatua onartzetik abiatu diren taldeetan, arriskua dago pentsatzekoa guk ez dugula ezer egin behar eta besteak direla gure zapaltzaile tronutik bota behar gaituztenak. Dilema horretan, gizon taldeek egin duten ekarpen ikaragarria da arduraren kontua, Anderrek zioen moduan: arazo bat dago eta guk ardura bat daukagu horren aurrean, ezin gara etxean gelditu eta ezin diogu etengabe eskatu mugimendu feministari zer eta noiz egin behar dugun esan diezagun. Horrek, ordea, muturrera joatea ere ekarri du hainbatetan, mugimendu feministarekiko urruntzea, norberaren jarduera norbere erara egiteko beharra, eta azken buruan biktimizazioa.
Genero rolak apurtzeak harremanetan nola eragiten duen galdetu duzu. Rol hitza ez zait asko gustatzen, bigunegia iruditzen zait, paper bat jokatzea esan nahi duelako, eta askotan horrekin lotzen dugu, norberak kontzienteki egiten duen zerbaitekin: rol bat edo beste bat hartu, erabakitzea eta aldatzea gure esku balego bezala. Ordea, txikitatik jasotzen dugun genero ikasketa prozesu sakonagoa da, sistemikoa eta egiturazkoa delako. Rolen eta maskulinitatearen berrikuspenean tranpa txiki batean erori gara: sistema aipatzeko joera handia dugu ezkerrean (eta gizon taldeetako kide asko ezkerretik gerturatzen dira taldeotara), sistemari egozten diogu arazoa eta sistema aldatzen denean aldatuko gara gu. Ardura guztiak gainetik kentzen ditugu modu horretan. Horregatik, inportantea da Mirenek aipatu duen "pertsonala politikoa da" lelotik tiraka norberaren jarrerak berrikustea eta Anderrek esan moduan egunerokoan hori presente izatea. Baina bestalde, ni-an zentratzeak zerikusia du egungo eredu neoliberalean indibidualismoari ematen zaion garrantziarekin eta norberaren botere mugagabe horrekin: gizakiak nahi duena egin dezake, norberak du aldatzeko gaitasuna. Baina genero roletan ez da horrela, gizonezkook pentsatu dezakegu aldatu nahi dugula eta gure pribilegioei uko egingo diegula, baina egitura sistemikoa konplexuagoa denez, horrez gain beste gauza batzuk ere aldatzen ez diren bitartean, ez du ezertarako balioko. Nik uko egin diezaieket nire pribilegioei, baina hori bera pribilegio bat da, zein pribilegiori uko egin eta zein unetan. Hori boterean dagoenak baino ezin du egin.
M. Aranguren: Beste jatorri batzuetako emakumeekin aritu naizenean, batez ere Hego Amerikako herrialde pobreetakoak, asko balio izan dit ikasteko, zein pribilegio ditudan ikusteko. Beharbada, nahiz eta defendatzen dudan mugimendu feministak bide eta egitura hauetatik jarraitu behar duela, hausnarketarako beste espazio partekatu batzuk sortu beharko genituzke gizon eta emakumeek. Dena den, egia da baita ere espazio mistoak partekatu ditugunean oso esperientzia onak ez ditugula izan eta azkenean hartu dugun jarrera izan dela emakumeak bilduko gara, guri egin behar zaigu kasu eta kito.
Egiturak eraldatzeko beharra
Dagoeneko existitzen diren egiturak aldatzeko beharra azpimarratu duzu, Miren. Hain juxtu, herri mugimendu, sindikatu, talde sozial… gero eta gehiagotan, feminismoa da oinarri ideologikoetako bat, teorian behintzat. Nola antolatu egitura hauek eta nola jokatu behar dugu gizonok eremuotan, harremanak benetan orekatuak izan daitezen?
M. Aranguren: Azken urteotan feminismoak eta mugimendu feministak dezenteko autoritatea lortu du. Ez gara mintzakide politikoa, alderdi eta sindikatuen mailan, inondik inora, ezta erakunde publikoekiko harremanean, baina egia da duela hamabost urte gaztetxeko asanbladara joan eta inork ez zigula ulertzen eta kasurik egiten, eta orain indar korrelazioa eta daukagun presentzia aldatu egin dela. Arazoa zein da? Duela hamabost urteko asanblada eta egungoa berdina dela, antolatzeko moduan eta egituretan. Ondo dago feminismoari egiten zaion aitortza eta oinarri ideologikoetan kokatzea, baina ez da nahikoa, zure praktika politiko guztia busti behar duelako (zaila den arren), eta sarri nolakotasuna ere alde batera uzten dugulako, nola ulertzen dugun parte-hartzea, nola ulertzen dugun ekintza politikoa, nola agertu jendartean, zein subjektu ari garen planteatzen… Herri mugimendu, sindikatu eta abarretan hori guztia ez da kuestionatzen, eta berdin erakunde publikoetan: berdintasun plana egin daiteke eta jabekuntza eskola jarri daiteke, baina egitura burokratikoak berdin funtzionatzen jarraitzen du; funtzionatzeko modu horiek ezagunak zaizkigun tokietara eramaten gaituzte eta horiek nahi ez ditugunez, goazen beste batzuk probatzera. Nik ez daukat formula, baina arreta jartzea eta inertzia batzuk errepikatzeari uztea garrantzitsua da. Herri mugimenduetako prentsaurrekoetan orain emakumeak jartzea ez da aski, horrek ez ditu sakonekoak aldatzen eta ez zaitu feministago egiten. Konplexua da, militantzia ereduak, aktibismoa eta gizartea bera asko aldatu da eta aldaketa soziala nahi dugunontzako aintzat hartu beharreko kontuak dira.
A. Bergara: Erakunde publikoen ikuspegitik, hogei urte baitaramatzat administrazioan, gai hau ez da lehentasuna, baina zirrikituak zabaltzen ari gara. Diskurtsoetan presenteago dago berdintasunaren ideia, gutxiago feminismoarena, eta neurtu egiten dira esaten diren gauzak, lehen ez bezala. Lehen guztiz bazter batean zegoen gaia eta gaur egun, benetako borondatea dagoelako edo politikoki zuzena delako, agerikoagoa da. Duela urte batzuk gertatuko ez liratekeenak ikusi ditugu: ETBk Cuadrilla busca cita saioa kentzea lorpen bat da [ reality sexista zelako kritikak jaso ostean kendu zuen saioa ETBk] eta herri mugimenduen lorpena da abortuaren legea atzera botatzea eta abar. Sare hori hedatzen ari da, administrazioan eta administraziotik kanpo, eta jokabide salagarriak ematen direnean erantzuna dago. Kontua da aipatu duguna: egiturazko arazoa dela eta muineraino sartua dugula bai gizartean bai erakundeetan. Gizartean, zerrendei kasu eginez behintzat, berdintasuna ez dago lehentasuneko gaietan, eta ikustea besterik ez dago zerrenda horietan non dagoen kokatua emakumeen kontrako indarkeria. Horregatik da hain konplexua egiturak aldatzea, zer esanik ez administrazio publikoan, munstro bat da, baina nire pertzepzioa da aldatzen ari dela.
J. Azpiazu: Herri mugimenduetara bueltatuz, eta kontuan hartuz lehen nioena, zer ulertzen dugun ekintza politiko bezala, zer den parte hartzea edo inplikatzea, Mirenek dioen moduan berrikusteko dago ikusgarria dena baino askoz gehiago. Zentzu horretan, ez dakit ez ote den bilakatu garrantzitsuago izena, izana baino. Hau da, egia da feminismoak aitortza bat lortu duen heinean gai saihestezina bihurtu dela herri mugimenduetan eta baita administrazioan ere, baina agian kritiko izan behar dugu eta pentsatu ez ote diogun garrantzi handia eman terminoa hor jartzeari eta ez hainbeste jarduera, izaera eta filosofia aldatzeari. Feminismoaren beherapenak dira nolabait, mugimendu feministako kide batentzat feminismo hitzaren atzean dagoen konplexutasuna eta zentzua ez baitu hartzen ziurrenik manifestu edo estatutu askotan erabiltzen den feminismo hitzak, ez dago zentzuz hain betea. Inportantea da ulertzea zer esaten dugun feminismoa esaten dugunean: teoria politiko batez ari gara, mugimenduaz, eraldaketa pertsonal eta kolektiborako tresna batez?... Seguru aski hitz egin ahalko genuke horiez guztiez, baina gehienetan hitz egiten dugu gutxi batzuez. Uste dut oraindik neurri gutxi hartzen direla gauza batzuen inguruan, eta hartzen diren neurriak errazago doazela alderdi diskurtsibotik egiturazkotik baino. Adibidez, sindikatuetan lana eta enplegua bi hitz ezberdin gisa erabiltzen hasi dira, baina sindikatuetako egituretan ez da horrenbesteko aldaketarik ikusten.
Eta egitura horietan, praktikan nola jokatu beharko lukete bere burua feministatzat duten gizonek?
J. Azpiazu: Parekidetasunaren ideia liberalak irentsi egin gaitu erabat eta identifikatu dugu berdintasuna prentsaurrekoan neska eta mutila jartzearekin, kanpora begirako ekintzetan emakumeak ikusgarritasuna izatearekin edo administrazio publikoko kuotekin. Baina Mirenek ondo azaldu du: ez da hainbeste dagoen hori berdintzea, dagoena eraldatzea baizik, sakonetik. Gizonezkook hor zein paper jokatzen dugun? Bada, bat egitea mugimendu feministatik planteatu diren hainbat konturekin. Errealitate mingarria da gero eta erakunde eta elkarte gehiagotan ageri dela feminista hitza, baina aldarrikapen feministaz betetako stock handi bat dagoela inork irakurri edo kontsultatu ez duena. Abiapuntu bezala hartu beharrean mugimendu feministak gai jakinen inguruan jada egin dituen proposamenak, badirudi leku bakoitzean irakurketa berri bat egin behar dugula, gizon gehienok ez dugulako abiapuntu bezala onartzen guk ez beste batzuek idatzia izan den zerbait. Baina dagokiguna da eskailerak jaistea. Hainbat lekutan gaiaz hitz egiten aritu naizenean, planteatu izan dut botere egituretatik gizon guztiak kanporatzea eta hori ezinezkoa dela erantzun didate denek; aldiz, erradikala izan arren beste neurriren bat proposatuz gero, norbanakoarekin zerikusi gehiago daukana, erreakzioa ez da hain bortitza. Gizonek amantala jantzi behar dugula, esaterako, errazago onartzen da. Herri mugimenduak ez daude hain juxtu botere egituraren erdigunean eta kohesio beharrak bultzatuta aldaketak ikuspegi atsegin eta lasaiaz egiten saiatzen gara, eta onargarria eta beharrezkoa da, baina momenturen batean aldaketa sakonak planteatu beharko ditugu: adibidez, halako botere gunetan ez da gizonik sartuko datozen bost urteetan, osasun demokratikoagatik, goazen proba egitera eta ea zer gertatzen den ikustera.
M. Aranguren: Batzuetan iruditzen zaigu hau lortuko dugula hitz eginez eta modu lasaian, baina urteetako gatazka historikoa dakar gainean. Dagoen gatazka mahaigaineratu behar da; horrek ez du esan nahi elkar joka hasiko garenik, baina jakitun izan behar dugu aldaketak gogorrak izango direla eta are gehiago, eragile batzuen existentzia bera arriskuan jarriko dugula. Alegia, hasten bagara adibidez sindikatuak feminismoaren aldarrikapenez betetzen, momentu batetik aurrera ez dira sindikatu izango, guztiz aldatuko dira, beste zerbait izango dira, eta agian ez dute egungoa izan behar. Sortuko dugun horren ezezagutzak eragiten digun beldurragatik, atzera egiten dugu, eta herri mugimendu eta abarretan hori gertatzen zaigu maiz: egiturak eta dena kuestionatzen hasten bagara, ez dakigu nora iritsiko garen, ez dakigu gure elkarteak zentzurik izango ote duen, eta gehiago kostatzen da pausoak ematea. Badakit feminismoa deserosoa dela.
Mehatxatuta sentitzen diren gizonak
Eta eskaera deseroso horien aurrean, foro batzuetan parte ez hartzeak, hitza ez hartzeak edo bigarren lerroan egoteak ekar dezake gizonek eraso gisa ulertzea eta mugimendu feministak gizon horien aliantza galtzea?
M. Aranguren: Kezkatzen nauen fenomeno bat dago: espazio batean emakume eta feminista gehiago sartu ahala, espazio horrek garrantzia galtzen du. Oreka bilatu behar dugu herri mugimenduetako guneetan, eta ez naiz esaten ari gizonen iritziak entzun nahi ez ditudanik, inondik inora, baina foro horretan dauden emakumeen iritziak ere entzun nahi ditut eta bilera bi ordukoa denez, bakoitzak hitz egin beharrekoa neurtu beharko genuke agian. Kontua ez da gizonak bat-batean desagertu behar direnik, ez diot horri zentzurik ikusten, baina egia da pixka bat desagertu behar direla, atzerago egon behar dutela… eta aurrera doazenak feministak izan behar dute. Aurrera joan behar dutenak dira feministak, ekologistak eta oro har bazterretan egon diren diskurtsoak.
A. Bergara: Nire ustez, testuinguruaren arabera batzuetan atzera egin behar da eta beste batzuetan aurrera. Emakunden gizonei zuzendutako Gizonduz programa daukagu eta beti gaude tentsioan: batetik gizonak erakarri nahi ditugulako, baina bestetik gero eta gehiago lortzeko ezagutzera eman behar dugulako gure burua eta protagonismo larregi hartzearen kezka daukagulako. Horregatik, neurtzea dagokigu, agian hau ez da gure lekua, beste foro honetan gehiago agertu behar gara… Beti ere helburua kontuan izanik, eta helburua da ahal bezain azkarren berdintasuna lortzea. Ikuspegi horretatik, herritar guztiak behar ditugu, zenbat eta gehiago hobe. Kontua da zelan sartu gizonak prozesu honetan, kalterako izango ez den moduan. Badakit ñabardurak galtzen direla, baina erakundeetatik ahalegindu behar gara mezu oso sinpleak eta zehatzak ematen. Adibidez Euskal Gizonen Gutuna egin genuen, gizonei zuzendua: zer egin dezakezu berdintasunaren alde? Etxeko lanez arduratzea, emakumeen aurkako indarkeria salatzea eta horren aurrean posizionatzea, sexualitate askearen aldeko apustua egitea, boterea eta aisialdia partekatzea… Horrelako mezuak zabaltzen ditugu, gure ikastaroetara enpresa eta erakundeetatik kasik behartuta datozen askok estralurtarrak bagina bezala begiratzen gaituztelako, eta ez gizonek bakarrik. Diskurtso sinpleak egin ezean, alde batean mugimendu intelektuala eta beste muturrean herritarrak daudela dirudi sarri eta lortu behar dugu berdintasuna ez dadila izan eliteen kontua, honetan ere botere harremanak daudelako, eta emakume asko margenetan geratzen dira.
J. Azpiazu: Aurrera eta atzera egiteaz, kuriosoa da gizonek gehienetan aurrera egin nahi dugula atzera egin beharko genukeen lekuetan eta atzera egin nahi dugula aurrera egin beharrekoetan. Adibidez, espazio kolektiboetan (asanbladetan, bizilagunen bileran, merkatuan…) gure joera da espazio gehiago behar eta nahi izatea, berdin feminismoari lotutako ekintzaren bat denean, ikusgarritasuna bilatzen dugu, feministaren etiketa ipintzea inportante bihurtu delako egun, aldiz gizonez inguratuta gaudenean eta eraso edo lekuz kanpoko komentario sexistaren bat egiten denean, kontrakoa da jarrera, atzera bi pauso egiten ditugu, nahiz eta jakin ez dela egokia esaterako emakumeez hitz egitea lankideak egin duen moduan. Zergatik? Botere posiziotik interesatzen dena delako botere posizio hori handitzea eta ikuspegi horretatik gizonezkook nahi dugu orain arte itxita izan dugun espazio horretan (feminismoaren espazioan) ere egon. Beste adibidean, lankideari kritika egiten badiot elkartasun maskulinoak ematen dituen sariak galduko ditut, estralurtar bilakatuko naiz lantokian, ez naute pote bat hartzera gonbidatuko… eta nolabait taldetik kanporatuko naute, edo une txar bat igaroko dut.
M. Aranguren: Alegia, emakumeoi gertatu zaiguna gatazka hori azaleratu dugun bakoitzean; taldeko bordea bihurtzen gara.
J. Azpiazu: Azken finean, zer gertatzen da boteredunarekin boterea kuestionatzen denean? Bada, boterean dagoena asaldatu eta haserretu egiten dela eta horren aurrean erreakzionatu egiten duela, boterea beti oldartzen delako mugak jartzen zaizkionean: gobernuek polizia bidaliko dute manifestariak jipoitzera eta euskararen normalizazioa errespetatzen ez dutenek erasotzat hartuko dute euskaraz hitz egin nahi duzula esaten badiezu. Zaila bada ere, pentsatzen hasi behar dugu zein momentutan egin behar dugun atzera eta zein momentutan aurrera, eta aipaturiko tentsio horiek konponezinak direla eta motorra izan behar dutela. Isiltzeko esaten digutenean gizon batzuek atzera egin dezaketela edo dezakegula? Bai, baina aste osoan ikastetxeko jolastorduan bokadiloa kendu dizunari azkenean esango diozu aski dela, eta izorratu egingo da, baina hala behar du. Min hori pentsatzeko eta kudeatzeko tresnak behar ditugu, ez dadin bihurtu min hori biktimizazio eta diskriminazio ikur (diskriminazio hitza ere oso arin erabiltzen baitugu).
M. Aranguren: Zintzotasun pixka bat falta da hainbatetan, ulertzeko eta besteei ere balioa aitortzeko. Norbaiti isiltzeko esaten diozunean, ez da ez duzulako entzun nahi, beste norbait ere entzun nahi duzulako baizik. Eta aitortza horrek agerikoagoa behar luke militantzia kideen artean, gure munstrotxo botere-jalea atera beharrean.
J. Azpiazu: Halaxe da, norbera asaldatzen delako besteari ematen dion aitortzaren arabera. Berdintasunez ari zarenean, lankideak esaten badizu gogoratzeko artikulua biharko entregatu behar duzula, ez zara lankidearekin haserretzen; haserretzen zara beste pertsonari nahikoa aitortzarik ematen ez diozunean, eta zentzu horretan asko daukagu pentsatzeko zein aitortza ematen diegun gizonok jardun feministan dabiltzan emakumeei eta emakumeen hitzari oro har; zeini ematen diogun autoritatea.
"Momenturen batean, aldaketa sakonak planteatu beharko ditugu: adibidez, halako botere gunetan ez da gizonik sartuko datozen bost urteetan, osasun demokratikoagatik", dio Jokin Azpiazuk. (Irudia: Joseba Larratxe)
Pribilegioak. Zaintzaz, aisialdiaz, indarkeriaz
Oro har, nola hartu dugu gizonok mugimendu feministaren bultzada? Gure toki pribilegiatua galtzeko beldur al gara? Areago, toki pribilegiatuari uko egiteko lehen urratsa horretaz jabetzea da, baina identifikatzen al ditugu gizonok pribilegio horiek, ala eskubide, aukera, askatasun… gisa identifikatzen ditugu? Zein pribilegiori hasi beharko ginateke uko egiten eta nola?
A. Bergara: Ez gara konturatzen pribilegio horiek ditugula, normaltzat jotzen dugu normala ez dena. Eta gai honetan hori da arazoa. Hausnarketa prozesu bat egin ezean, emakumea bazara gutxiago kostatuko zaizu eta gizonezkoa bazara seguruenik gehiago, edo beharbada ez duzu egin nahi, baina prozesu hori egin ezean, ez da nabaritzen, sistema hain da sotila. Gakoa da behin eta berriz arazoa azaleratzea eta lehen nioen moduan mezu sinpleak helaraztea. Zaintza lanak eta etxeko ardurak partekatu behar direla ulertzea adibidez oso erraza da, aitzakiarik gabea, eta muina da. Neurri handi batean zergatik ez dute emakumeek aukerarik aisialdi gehiago izateko edo politikan eta herri mugimenduetan gehiago aritzeko? Zaintzaren ardurak beraien gain dituztelako. Gai potoloa da, baina etxeko esparruan ematen denez eta lan horiei baliorik ematen ez zaienez, aldarrikapen horiek tontokeriatzat hartzen dira, gizonak zaintza partekatzea berdintasunerako gako funtsezkoa denean. Datuek diote diskurtsoan baietz, baina errealitatean gizonek zaintzan duten inplikazioa oso gutxi aldatu dela.
M. Aranguren: Norbere pribilegioez gain, gizarte bezala biziraun nahi badugu kolektiboki ditugun beharretan ere pentsatu behar dugu, kolektiboki erantzun behar dugu eta pribilegio kolektiboei uko egin. Eta Anderrek aipatu moduan, etxeko lanak eta zaintza abiapuntu ona dira, baina gizon gutxi dira ardura horiek partekatzen dituztenak. Gizonentzat aisialdiak euren bizitzetan duen zentralitatea izugarria da eta badirudi horri ezin zaiola inoiz uko egin, ezin duzula albo batera utzi gustuko duzun hori, eta aldiz emakumeok maiz egin dugu. Asko dira zerrendatu ahalko genituzkeen pribilegioak. Amatasun eta aitatasun bajak ere hor daude, eta ez da soilik gizonezkoen ardura, emakumeok amatasunarekiko eta funtzio horrekiko hartzen dugun lotura ere aztertzekoa da.
J. Azpiazu: Lehen nioen moduan, norberak aukeratzen du zein pribilegiori eta zein unetan egiten dien uko, boteretik egiten den ariketa da eta erlazionalki egiten ez baduzu, hau da, bestearenganako harremana kontutan hartu gabe egiten baduzu, mingarria izan daiteke. Adibidez, autobusean zergatik eta zeren arabera uzten ditugun eserlekuak, eta nola gizonari ez baina adin bereko emakumeari eskaintzen diogun eserlekua. Erlazionalki pentsatu behar dugu, galdetu egin behar diogu ea eserlekua nahi duen, eta hori bera ere mingarria izan daiteke, baina batzuetan galdetzea ez dago soberan, aurreikusi beharrean 35 urte baino gehiago dituzun emakumea zarelako eseri egin behar duzula. Pribilegioen gaia ezin da tratatu boterearen ikuspegi hori aintzat hartu gabe eta erlazionalki tratatu gabe: zein pribilegiori egingo diozu uko? Parekoak uko egiteko eskatzen dizun pribilegio horiei. Bestela, zer nahi duen eta zer ez erabakitzeko ariketa norberarengandik baino ez badator, norberaren gozamenerako da, norbere buruarekin ondo sentitzeko. Ikuspegi politikoa beharrezkoa da, parekoarekin harremana, txikitik handira: etxeko harremanetatik hasita esparru kolektiboetaraino.
Zaintzaz aritu zarete eta horri helduz, zaintzaren B aldea azpimarratzea garrantzitsua da: kontua ez da bakarrik nork zaintzen duen, baita zer galtzen duen zaintzen duenak. Datuek diote umeen zaintza gizonen artean asko igo dela (batez ere aisialdi orduetan), baina aitatasun bajak ez direla erritmo berdinean ugaritu. Zer dago horren atzean? Gizona prest dago bere seme-alaben zaintzan integratzeko, baina ez dago horren B aldea ordaintzeko prest, bere karrera profesionalean eragiteko prest.
Kontzientzia eta inkontzientziaren arteko harremana ere interesgarria da. Askotan pentsatzen dugu inkontzienteki egiten ditugula gauzak, aldatu nahi dugula baina inkontzienteki ez dugula egiten, eta egia da, baina kontzientzia ulertzen badugu boterearen arabera, onura eta kalteen kalkulu baten arabera, hobeto ulertzen dugu atzean dagoen egitura: norberak aldatu nahi du, baina ez du egiten aldaketa horrek galera batzuk dakarzkiolako.
M. Aranguren: Indarkeriaren monopolioa da gizonezkoen beste pribilegio handi bat, indarkeria erabiltzea gizonezkoen eskubidea delako, baina emakumeek erabiltzen dugunean zer gertatzen den ikustea oso adierazgarria da. Ez dakit pribilegio horri nola egiten zaion uko eta akaso feminismotik egin diren ekarpen batzuk interesgarriak dira, emakumeak gizaki biolentoak ere badirela edo izan daitezkeela eta zuk ere beldurra sentitu dezakezula erakutsiz. Virginia Despentesen Fóllame pelikulan gizonak akabatzen dituzten bi emakume hiltzaile ikusi eta oso biolentoa iruditzen zaigu, baina beste milaka film biolento ikusi eta ez gaitu harritzen.
J. Azpiazu: Horren harira, pedagogiaren ikuspegitik azken urteetan inportantea da hezkuntza sistema ofizialean eta ez ofizialean nerabe eta gazteekin egiten ari diren lana. Baita kazetaritzan ikuspegi feminista txertatzeko egin den ahalegina ere. Baina ezin dugu erabateko konfiantza jarri pedagogian eta boluntarioki egiten den aldaketa horretan, bestela perspektiba galtzen dugu, jende baten ongizatea dagoela beste baten borondatearen esku, eta hori oso arriskutsua da. Indarkeriaren kasuan, ezin dugu pentsatu emakumeen eta gizon batzuen segurtasuna dagoela beste gizon batek bere posizio hegemonikotik hartzen duen erabakiaren esku, "gaur jo egingo dut" edo "gaur ez dut joko" erabakiaren esku. Horregatik, egiten den pedagogia eta ahalegina garrantzitsua da eta uneren batean lortuko dugu indarkeria hori erabili nahi ez izatea, baina beste neurri batzuk ere planteatu behar dira, autodefentsa feminista adibidez. Eta beldurraren karta jokatzea ez da politikoki zuzena, baina nik seguru egon nahi dut ez bakarrik besteen borondatean konfiantza dudalako baizik eta batzuek ere beldurra pasatzen dutelako. Gizonek ez lituzkete halako erasoak egingo, benetan erreakzioaren beldur balira, eta gaur egun eraso pila bat doan ateratzen dira, ez bakarrik maila legalean, baita sozialki ere. | news |
argia-f3696b06bf87 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/departamenduetako-bozak.html | Zentro-eskuina garaile estatuan, EH Bai eta FN nabari dira gurean | Mikel Asurmendi | 2015-03-23 | Zentro-eskuina garaile estatuan, EH Bai eta FN nabari dira gurean
Ipar Euskal Herriko bozemaileen %52k parte hartu du bozen lehen itzulian. Departamendu osoan %53k bozkatu du, Hexagonoan %51k. Abstentzioa espero baino txikiagoa izan da. Estatuko bozemailea homogeneoa da. Frantzian eta Iparraldean zentro-eskuina garaile da. PSk behera egin du eta FNk gora. EH Bai bost kantonamendutan izanen da bigarren itzulian.
Frantziako politika bipartidismotik hiru alderdien arteko joko izatera iraganbidean dago. FNk (Fronte Nazionala) UMPren eta PSren nagusitasuna hautsi dezake aurki. FN PSren heinera igo da Departamenduetako bozetan. Bigarren itzuliak zehaztuko du aldaketa honen tamaina. Ipar Euskal Herrian ere FN errotzen hasia da. Adibidez, Errobi-Aurrin bigarrena izan da eta bigarren itzulian lehiatuko da. Alabaina, EH Bai da zentro-eskuinaren eta ezker klasikoaren artean espazio gehien irabazi duena. Bost kantonamendutan izanen da bigarren itzulian: Mendialdean, Uztaritze-Errobi-Urdazurin, Donibane Lohizunen, Bidaxune-Amikuze-Oztibarren eta Errobi-Aturrin. EH Baik 14.357 boz eskuratu ditu guztira. Beste aukera abertzaleak (EAJk) 1.243 boz besterik ez du erdietsi. Edonola ere, Estatuan, Erregioan, Departamenduan nola Ipar Euskal Herrian, zentro-eskuina (UMP buru) izan da garaile bozen %34rekin. FNk %25 jaso du. PS %20 inguruan geratu delarik.
24etatik bat bera erabaki gabe
Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak 54 ordezkari izango ditu. Biarnoko 30 eta Ipar Euskal Herriko 24. Alta, bakarra ere ez da hautatua izan oraingoan. Hona lehen itzuliko emaitzak eta bigarreneko aukerak:
– Errobi-Aturri: EH Baik bozen %37,90 jaso du. FNk %16,74. Zentro-eskuinak %14,40 eta Ezkerreko Batasunak %14,02. Haatik, EH bai eta FNren artean izanen da kontseilarien lehia. Bigarren itzulian parte-hartzeko, bozen %15etik goiti eskuratu behar baita.
– Bidaxune-Amikuze-Oztibarre: Eskuineko Batasunak bozen %47,48 jaso du. EH Baik %20,83 eta Ezkerreko independenteek %20,11. Biak izanen ditu arerio.
– Baiona 1., 2. eta 3.: 1. barrutia Eskuineko Batasunaren eta Ezkerreko Batasunaren artean erabakiko da. Bozen %48,26 eta %22,31 jaso dute hurrenez hurren. 2. barrutian, PSko hautagaitzak (Christophe Martin- Juliette Muller) bozen %24,49 erdietsi du. Eskuineko Batasuna (%22,62), FN (%18,46) eta Ezkerreko independenteekin (%16,98) lehiatuko da. 3. barrutian, eskuin-zentroa (UMP-UDI) garaile izan da bozen %32,83rekin. Alta, PSko hautagaitza (%32,24) hein berean bozkatua izan da. FN izan da hirugarrena bozen %13,99rekin.
– Donibane Lohizune: UMPk irabazi du bozen %28,74rekin. EH Bai bigarrena izan da %14, 94 lorturik. UDIko zentristak hirugarrena (%14,41). FN laugarrena, %13,01rekin. Kasu honetan, salbuespenez, EH Bai eta UDI zentrista UMPrekin lehiatuko dira.
– Uztaritze-Errobi-Urdazuri: Eskuinak bozen %30,22rekin irabazi du. Atzean EH Bai izan da, bozen %18,02 eskuraturik. Zentroko independenteak %14,74rekin, FN %13,71rekin eta Ezkerreko Batasuna %13,31rekin izan dira hautatua.
– Miarritze: Eskuineko Batasuna bozen %27,21rekin garaile izan da. Ezkerreko Batasuna bozen %22,46rekin bigarren. FN hirugarren, bozen %13,73rekin.
– Angelu: Zentro-eskuina (UMP, UDI) nagusiki garaile, bozen %40,69rekin. PS bigarren, %29,88rekin. Hirugarren FN bozen %15,16rekin. Barruti honetan FN ez da bigarren itzulian lehiatuko.
– Baigura-Mondarrain: UDI zentristak lortu du boz gehien: %35,41. Vincent Bru kontseilaria. Eskuineko Batasuneko Beñat Intxauspe kontseilaria da ere (bozen %25 jaso du). Beraiek dira lehiakide nagusiak. EH Bai ere lehiatuko da, bozen %18,16 eskuratu baitu.
– Hendaia: PSk (Ecenarro-Cottencon) irabazi du bozen %29,49rekin. Eskuineko independenteak (Salaberry auzapez ohia buru) bozen %18,39 jaso du. EH Baik %13,62, Eskuineko Batasunak %13,36 eta FNk %12,92 jaso dituzte. Lehen bien artean jokatuko dira kontseilarien kargua bigarren itzulian.
EH Bai egonkortu da
Iparraldeko argazki hau lagin gisa balia daiteke Estatuko emaitzei buruzko ideia bat egiteko, tokian tokiko ezaugarriak eta koalizioak kontuan harturik. EH Bai egonkortu da Iparraldean, FNk aurrerapauso handia eman du Estatuan. Frantziako bipartidismoa iragana izan daiteke. Bigarren itzuliak zehaztuko du aldaketaren nondik norakoa. | news |
argia-eb0b0dec5497 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/autokonfiantza.html | Autokonfiantza | Joanes Etxebarria | 2015-03-29 | Autokonfiantza
Zer den, halere, norberak bere burua konbentzitzea ez dela gai izanen. Beharra sentitzea, baina etsipenaren parean amore ematea. Zer den sentitzea giharrak gai direla behar den indarra egiteko, baina ahul usteko, mugitu gabe gelditzea. Zer den depresioa, zer den konfiantzarik eza. Zer den parekoak maitasunez eskua luzatzea eta ez ikustea. Zer den geroa ilun ikustea.
Ez dakit zerk egiten duen etsipena, ez dudalako ene larrutik bizi. Baina badakit –eni bederen– zerk ematen didan autokonfiantza. Besteak, taldeak, komunitateak. Badakit zerk konbentzitzen nauen gai izanen naizela. Badakit zerk itotzen duen etsipena. Badakit zerk egiten duen lotura mugitu nahiaren eta giharren artean. Zerk ematen didan konfiantza: besteak, maitasunez eskua luzatzen didanak. Eta herri ttipi honetan badakigu besteak eskua luzatuko digula.
Sinetsi nahi nuke auziperatu orok, badakielako bere egoerak berak garaipen keinuak dituela, ez duela etsipenera jotzen, baina dudak baditut halere. Aldiz, sinesten dut taldeak ematen diela konfiantzarik handiena. | news |
argia-4f349fd4bfb3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/zarauzko-modelo-aretoa.html | Nola bihurtu zinema zahar bat kulturgune berri | Lide Hernando | 2015-03-29 | Nola bihurtu zinema zahar bat kulturgune berri
Zarauzko Udalak orain ia bi urte eta erdi hartu zuen alokairuan Modelo zinemaren eraikina. Ordudanik, kultur eredua errotik aldatuz, erabilera anitzeko areto moduan funtzionatu du, herritarren parte-hartzea oinarri. Orain, Udalak eraikina erosi ostean, herriko kulturgune dinamiko eta garrantzitsuenetarikoa bilakatu da.
Herriko erdigunean dagoen ia ehun urteko eraikina 2012ko neguan itxi zuten jabeek, negozioa gainbeheran zela-eta. Nostalgikoak kenduta, zarauztar gehienek inguruko herrietako zinemetara joateko ohitura zuten ordurako, Modelo hotz, zahar, deseroso geratu zitzaielako. Horrez gain, Lizardi antzokia ere eraitsi egin zuten, etxebizitzak eraikitzeko. Udal Gobernu berria agintera iritsi eta berehala, beraz, azpiegitura kulturalei buruzko hausnarketa egin zuen, herriak zituen hutsuneei erantzun ahal izateko.
"Ez dugu ahaztu behar, gainera", dio Gari Berasaluzek, Zarauzko kultura zinegotziak, "aurreko legegintzaldietan polikulturala lehenetsi zutela. 21 milioi euroko aurrekontua zuen, eta herriko kultur azpiegituren gabezia guztiak aseko omen zituen, bertan aurreikusi baitzituzten zinema, antzokia, musika eskola… Gure ustez, ordea, proiektu hori Zarautzen beharretatik oso urrun zegoen. Oskola lehenetsi zuten, mamia ahaztuta, eta horrek Udala eta herri mugimenduak nabarmen urrundu zituen".
Herriaren eskaerari erantzunez
Parte-hartze prozesu bat jarri zuen martxan Udalak legegintzaldi honen hasieran herriko kultur azpiegituren inguruan. Bilera horietan zenbait ondorio atera ziren eta, besteak beste, Modelo zenaren eraikina berreskuratzearen beharra plazaratu zuten herriko zenbait kultur eragilek. "Historikoki garrantzia duen topagunea dela, herriaren erdigunean dagoela, eta eraikina bere horretan erortzen ezin genuela utzi adierazi zuten askok", dio Berasaluzek. Udalaren planetan lehenetsia ez zegoen arren, gobernuak kontuan hartu zuen askoren iritzia zena, eta jabe ohiei alokairuan hartu zioten eraikina. Arriskua beren gain hartu zuten: eraikina kudeatzen hastea, kultur eredu berri, herritar eta dinamikoa martxan jarrita.
2012ko azaroan berriz irekita, haren kudeaketa nola egin pentsatzen hasi ziren. "Bilera batean, antolamendu berria planteatu genuen, hiru taldetan banatuta. Batetik, Kultura sailak eta Udalaren beste sailek antolatuko ekitaldiak. Bestetik, herriko eragileek kudeatutako ekitaldiak, programazio iraunkorrak eta puntualak bilduko zituen multzoa: Bidelagunak. Horiek, baldintza zehatz batzuk beteta (soinu teknikariak, atezainak... ) erabili ahal izango zuten eraikina, modu ia autogestionatuan. Azkenik, Modeloren bidelagun izan gabe, ekintza puntualetarako aretoa erabili nahi zuten enpresak edo kolektiboak; horiek alokairua ordaindu beharko zuten", dio Berasaluzek.
Hiru taldeetatik, bigarrenari eman zioten garrantzi handien; eta bi urte eta bost hilabetez martxan egon ostean, helburua hein handi batean lortu dutela esan daiteke. "Udalak zine komertziala bere gain ez zuela hartuko esan zuen, adibidez,", dio Berasaluzek. "Horren aurrean, herritar talde batek Modeloren Lagunak elkartea sortu zuen, aretora film komertzialak ekartzeaz arduratuko zena. Horiek hileko bigarren eta laugarren asteburuetan eskaintzen dituzte pelikulak".
Gainerako asteburuetan, aldiz, antzerkiarentzat edo musika kontzertuentzat gorde izan da eraikina. Astean zehar, azkenik, hitzaldiak eta dokumentalak antolatu ohi dituzte. Aretoak irekita daraman denboran lortu diren emaitzek euren kabuz hitz egiten dute: 350 bat ekitaldi eta 38.000 ikusle bildu dira guztira.
Guztiz eraberritzeko bidean
Errentan hartu eta gutxira ohartu zen Udala esku artean zuen proiektuak mami sendoa zuela eta eraikina eskuratuz gero, mugimendu gaitasun handiagoa edukiko zuela berrikuntzak egiteko. Berehala hasi zituen erosketarako negoziazioak jabeekin, 2013an. Denbora luzea igaro ostean, 2015. urte hasieran erosi dute 1,5 milioi eurotan.
"Modelo aretoa jada herriarena izanda, harekin etorkizunera begira zer egin planteatzen hasi ginen", dio kultur zinegotziak. "Orain arte, alokairuan hartutako eraikin zahar bat genuen, eta ahalik eta zuku gehien atera diogu. Baina beste hainbat gauzatarako desegokia zela ikusi genuen. Argi genuen berritu beharra zegoela ".
Orain, berriz ere herriaren parte-hartzea oinarri hartuta, Modelo guztiz eraberritzeko proiektua hasi dute. "Lehenbiziko bileran Udalak aretoa eraberritzeko proposamena aurkeztu du: zer egin? Nola egin edukiera handiagoa izan dezan? Bigarren eta hirugarren solairuetan zer? Bigarren bileran, herritarrek ekarritako proposamenak bilduko dira, arkitektoek eta teknikariek zehaztutako baldintzekin erkatuz. Hirugarrenenean, azkenik, egin nahi denaren eta ahal denaren arteko aukerak ikusi eta erabakiko da.
Zer egin argi edukita, lehiaketa publikora aterako dute proposamena, proiektua idazteko. Kalkulatzen dute 2016rako hasiko direla eraberritze-lanak, eta aretoa urtebetez-edo itxita egon ostean, Zarautzek behin betiko kulturgune batez gozatzeko aukera izango du.
Kultur Mahaiak eman dituen fruituak
Modeloren biziberritzea ez da zarauztarrek azken urteotan sortzen ikusi duten kultur egitasmo bakarra. Udal Gobernuak Kultur Mahaia sortu zuen 2014an, Zarautzen dagoen kultur mugimenduari balorea eta oihartzuna eman nahian, bateko eta besteko eragileak elkartu eta saretu nahian, ordura arte erabat atomizatua baitzegoen. "Kultur Mahaiak hiru azpibatzorde finko ditu: agenda eta komunikazioa, jaiak, eta kultur ondarea eta azpiegiturak. Horrez gain, kasuan kasuko eztabaida eta hausnarketei erantzuteko bilgune bereziak ere baditu; Modelo aretoari buruzkoa horietako bat da, esaterako".
Zarauzko Udalaren Kultura Sailaren beste berrikuntzetako bat malekoian zabaldu zuten Sortaldea Kultura Eremua da. Udan liburutegi ireki bezala funtzionatzen du (alegia, liburuak libreki hartu eta uzteko lekua), hitzaldiak, kontzertuak eta sormen tailerrak antolatzeaz gain. Urte osoan, sortzeko eta sortutakoa erakusteko espazio autogestionatua ere bada. Guneak mugimendu handia sortzen du, batez ere udako hilabeteetan. | news |
argia-58b32def2ffd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/saharako-maratoian.html | Saharako maratoian | Joxe Iriarte, Bikila | 2015-03-29 | Saharako maratoian
Aurten berrogei urte bete dira, Espainiako Estatuaren konplizitateaz, Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu eta kolonizatu zuenetik. Harrez geroztik, saharar herriaren zati bat errepresio zital eta bidegabearen menpean bizi da, eta bestea, Aljeriako hamada n edo basamortuan. Sahararrek, etsai edo arerio bati madarikazio bat bota nahi diotenean, honela egiten dute: "Jainkoak eman diezazula hamada ren egarria".
Duela hamabost urte, Sahara maratoia abian jarri zenetik, lagun baten eskaerari men eginez, hartu nuen parte lehen edizioan, maratoi erdia eginez. Harrez gero, maratoi osoa (2005), hamar kilometro (2010), eta bost kilometro (2015) egin ditut.
Denbora horretan saiatu naiz saharar herriaren egoeraz eta daraman gatazkaren nondik norakoaren jabe izaten. Zaharrak berri! Aurten ere, entzun ditugu gazteen ahotik gerra berpiztearen aldeko iritzi sutsuak. Fronte Polisarioa ere Nazio Batuen Erakundeak apirilean zer erabakiko duen zain dagoela, zirt edo zart egiteko prest dagoela diote. Nire uste apalean, horrek denak lelotik gehiago du errealitatetik baino.
Munduan ez da giro sahararren alde. Sahara inoiz baino desagertuago dago gatazka konpontzeko agendatik. Maratoia bera jada ez da notizia. Oso nabarmena egin zait zenbat zorroztu diren segurtasun neurriak. Baina, ez borroka prestaketaren adierazle, infiltrazioen beldurrez baizik. Mundubat eko hiru kooperante bahitu zituztenetik marokoarren esku sartze edo sabotajeen beldur bizi dira sahararrak.
Aldaketarik handiena, kanpalekuen bizimoduan eta antolamenduan antzeman dut. Harritza, sugeak eta harea besterik ez dagoen tokian, kanpo laguntza behar ohi da bizi ahal izateko: janaria, arropa, eguzki plakak… Baina orain arte dena zen behin-behinekoa. Egun, hori horrela denik ezin ziurtatu. Errefuxiatu kanpalekuak asentamendu bilakatzen ari dira. Libanon bezala. Hots, argindar sarea antolatzen ari dira. Aljeriako Gobernuak halako inbertsioa egiteko, arazoa luzerako doan seinale.
Duela gutxi txiringito bakan batzuek osatzen zituzten eremuak, gaur egun, ia denetarik dagoen gune komertzial bilakatu dira, Carrefour komertzioak eta guzti. Jaimee tan ere nabari dira aldaketak. Telebistak, ia norbanako adina mugikorrak. Wilaya direlakoetan harrigarria da automobilen hazkundeak eta horrek sortu duen trafiko kaosa. Eta horrekin hauts itogarria!
Lehenengoetan, eguzkia desagertu bezain pronto izarreriari begira egon nintzen harri eta zur. Aurten berandu arte ez zen desagertzen zerua ezkutatzen zuen hauts txapela. | news |
argia-dc7bcdcf881b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/gizon-arruntaren-alderdia-indiako-beste-populismoa.html | Gizon Arruntaren Alderdia, Indiako beste populismoa | Pello Zubiria Kamino | 2015-03-29 | Gizon Arruntaren Alderdia, Indiako beste populismoa
Delhiko boto emaileek lurrikara politikoa eragin dute Indian jaun eta jabe zebilen Narendra Modiren alderdi ultranazionalista lotsagarri utzirik: Arvind Kejriwali eman dizkiote estatu hartako 70 parlamentarioetatik 67. Duela bi urte ustelkeriaren kontra sortutako Gizon Arruntaren Alderdia da Indiako fenomeno populista berria.
Kejriwalik Delhin lurrikara eragin duela ez da ahoberokeria. Gizon Arruntaren Alderdiak (Aam Admi Party) eskuratu ditu 21 milioi biztanleko estatuaren gobernua: metropoliaren parlamentuko 70 jarlekuetatik 67. Hiru parlamentari triste baizik ez urteotan Indian agintzen duen Narendra Modiren Bharatiya Janata Party (BPJ) ultranazionalistarentzako; alerik ere ez Gandhitarren Indian National Congress (Congress) alderdiarentzat.
"Delhiko bataila politikoaren emaitza harrigarriak arnasarik gabe utzi ditu analistak, ahozabalik BJPko lekuko buruzagiak eta pentsakor Gobernu federalekoak", idatzi du L.K. Sharma kazetari beteranoak Open Democracy gunean " Proper democracy triumphs in Delhi " (Demokrazia bera garaile Delhin) titulua daraman kronikan.
Delhi estatuko gobernuburu datozen urteotan izanen da Arvind Kejriwal (1968), Indiako Teknologi Institutuan hezitako ingeniaria eta zerga bilketa zerbitzuko funtzionario izana, ustelkeriaren kontra kalean borrokatzen aritu ondotik politikan sartu dena.
"Hauteskundeotan garaileak erakutsi du alderdi politiko batek arrakasta eskuratu dezakeela diru asko eduki gabe, indar fisikoa erabiltzeke eta sektakeriazko manipulazioetan zikindu barik", dio Sharmak. Ordainetan, Aam Admi Party (AAP) alderdiak lortu du mobilizatzea erdiko mailako profesional asko Indiako kultura politikoa iraultzeko helburuaren bueltan.
Ideologia usainetik ihes egin eta arazo sinpleak aipatzen ditu AAPk. Txiroen alde mintzo da, lagun arteko edo konplizitatezko kapitalismoa ( crony capitalism ) salatzen. AAP indarrean azalduz geroztik, Modiren irudia aberatsekin lotzen zelakoan, honek ere txiroen alde mintzatzen hasi behar izan du. Baina ezker tradizionalaren mezuek goiko eta erdi mailako jendea izutzen baldin badute, AAPk bere ezker berri itxurarekin ez du izu hori eragin posizio oneko herritarren artean.
Bigarren aldiz dago AAP Delhiko gobernuan. Aurreko aldian, gehiengo osorik eskuratu ez zuenez bazkidetzat zuen Gandhitarren alderdi ofizialista eta beste zenbait alderdi txiki; gobernatzen ahalegindu zen gehiengo sinplearen jabe zen BPJren kontra. 49 egun iraun zuen Kejriwalek dimititu arte, ustelkeria garbitu eta zerbitzu publikoa bermatzen lagatzen ez ziotelako.
Hiriburuko jendeen artean zapore gozo-garratza utzi zuen Kejriwalek. Alde batetik, 49 egun horietan nabaritu omen zen ustelkeriaren kontrako bere eragina: polizia eta beste funtzionarioek eten zuten eskupeko beltzak kobratuz xantaia egiteko zerabilten ohitura zaharra. Baina beste aldetik, Kejriwalek ez zuen geldiarazi kaleko protesta eta liskar giroa, berez kaotikoak diren Delhiko karrikak itotzeraino nahasten zituena.
Hori duela urte bete zen. Oraingoan, ordea, estiloa aldatu dute Kejriwalek eta AAPk. Ez gehiago enpresarien kontrako erretolikarik edo liskarzale itxurarik: kaleko gizon arruntaren kezkak eta garbitasunez gobernatzeko promesak. Bide batez esanda, gure arrebek barkatuko digute Gizon Arrunta erabiltzea, matxismo eta guzti, baina AAP eta Kejriwal horrela dira mintzo.
Erratza nahi du jendeak
Naïké Desquesnesek Le Monde Diplomatique n iaz egin zuen AAPren erradiografia. Ingelesezko edizioan osorik irakur daiteke haren " New party of the poor " (Txiroen alderdi berria).
Ustelkeriaren kontrako borroka politikaren erdian jartzen lehena Ana Hazare izana zen arren, haren laguntzaile Arvind Kejriwalek kendu dio lekukoa 2012an AAP sortuta. Hazarek Mahatma Gandhiren itxura hartzeko erabiltzen zuen kapa zuriari gehitu zion ikur berria: erratza. Dalit jende ukitu ezinak erabiltzen du kaleak garbitzen. Keinu bikoitza, txiroen defentsa batetik, ustelkeria bizi politikotik erauziz herritarrentzako zerbitzu publikoak bermatzeko promesa bestetik.
"Gu ez gara besteak bezalakoak –diote AAPko buruek–, gu politikan sartu gara soilik sistema garbitzeko". Ingelesezko hiru C borrokatuko dituztela agindu dute: ustelkeria ( corruption ), komunitate bereizketan oinarritutako alderdikeria ( comunalism ), hinduak eta musulmanak elkarren kontra jartzen dituena, eta konplizitatezko kapitalismoa ( crony capitalism ).
AAPko buruek diskurtsoaren erdian ipintzen dute Gandhik aipatzen omen zuen swaraj : deszentralizazioa, autonomia politikoa. Lekuko aginteei boterea berreskuratzea aldarrikatzen dute beti.
Desquesnesek swaraj ideia ikusten du mamiturik Mumbai hirian Medha Patkarrek egindako bidean. AAPra hurbildu zen Ghar Bachao Ghar Banao (Gure Etxeak Salbatu, Gure Etxeak Eraiki) mugimendua sendotzeko, hiri handi hartako auzo txiroak suntsitu eta bertako jendeak lekualdatzeko agintariek zerabilten estrategiaren kontra.
Aldi berean, Patkar bera da AAPren kontraesanen termometroa. 1985etik Patkarrek gidatu zuen Narmada Bachao Andolan, independentziaz geroztik Indiak industriaren kontra ezagutu duen mugimendurik indartsuena, besteren artean Namada ibaiko urtegi handiaren kontrako borroka burutu zuena. 1995ean 250 erakunde bilduz National Alliance of People's Movements sortu zuen. Desquesnesen ustean, "Patkarrek ez du aliantza estrategiko bat baizik sinatu AAPrekin, eta hau ahula da AAPk ez dielako lehentasunik ematen berdintasunari eta kasten zapalkuntzaren arazoei".
Populismo guztiak legez, AAP ere kontraesanez beterik dago, Desquesnesek azaldu duenez. Zenbait buruzagik jokabide xenofoboak eduki dituzte. Delhiko justizia ministroak etorkin afrikarrez esan zuen: "Beltzak ez dira zu eta ni bezalakoak, legea urratzen zaleak dira".
Matxismoari ez diote eskapo egiten AAPkoek. Turista daniar bat bortxatu zutenean Kejriwalek berak gertakaria prostituzioarekin eta drogarekin lotu zuen.
AAPren programa neoliberala dela salatu dute batzuek, tartean Arundhaty Roik. Alegia, erratzaren alderdiak nahiago duela gobernu zuzena aipatzea ( good governance ) kapitalismoaren edo inperialismoaren kontra hitz egitea baino, eta langileen askapena lotzen diola legeak ematen dituen zirrituak baliatzeari.
Baina zertarako epaitu hain zorrotz AAPren populismoa, ezker klasikoa bere hizkera erradikalarekin gehienbat ondo bizi den jendeak osatzen duenean eta benetako txiroek kasurik egiten ez diotenenean? | news |
argia-4fff18a5f7f7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/gonzalo-garate-prieto-diagonal-egunkariko-kidea.html | "Kazetaritza ikasketek ez dute profesionaltasuna ematen, jakin-minak eta praktikak baizik" | Axier Lopez | 2015-03-29 | "Kazetaritza ikasketek ez dute profesionaltasuna ematen, jakin-minak eta praktikak baizik"
Zuzendaria aspaldi hil zuten, kargu hierarkikoak ez dituztelako maite. Ez dute alderdi politikoen ez enpresa pribatuen sostengurik. Ezta nahi ere, boterea ezbaian jartzen jarraitu nahi dutelako. Herri mugimenduekin baino, herri mugimenduan egiten dute lan. Horregatik elkartu gara Madrilgo Patio Maravillasen, hanka bat kulturgune okupatuan eta bestea Diagonal egunkariko erredakzioan duen Gonzalo Garate Prietorekin.
Gizarte mugimendua duzue oinarri eta helburu. Nola artikulatzen duzue harreman hori?
Kazetaritza kokatuaz [periodismo situado erabili du gaztelaniaz] hitz egitea gustatzen zaigu. Guk informatu ez ezik eragin nahi dugu. Hedabide handiek saltzen duten objektibotasun faltsutik ihes egiten dugu. Parte hartzen dugu. Ekidistantzia alboratu eta barrutik hitz egiten dugu, albistearen protagonistei ahotsa emanez. Informazioa lehen eskutik lortzen saiatzen gara. Batetik, maila pertsonalean, lankide asko gizarte mugimenduko kideak dira. Bestetik, maila kolektiboan, mugimenduen sarean txertatuta dago Diagonal eta horrek ahalbidetzen digu informaziora azkar eta zuzenean heltzea.
Berehalakotasunaren aroan, sakontasunaren aldeko apustua egiten duzue.
Hori izan da beti gure nahia: analisidun informazio sosegatuaren bitartez albiste hutsetik harago joatea. Aurrez ezarritako soluzio hertsiak alboratu eta ariketa intelektualerako denbora hartzera behartu dugu gure burua. Ez dugu albiste soiletan oinarritutako kazetaritza egin nahi, irakurketa pausatuaren bitartez munduan gertatzen denari buruz hausnarketa kritikoa egiteko gonbita luzatu nahi dugu, ikuspuntu kokatua eskainiz. Polifonia sortzen saiatzen gara, batez ere ika-mika eragiten duten aferetan. Webgunearen bidez egunerokoari heltzen diogu, baina egunkarian analisia eta sakontasuna dira nagusi.
Profesionalizaziorako jauzia kasu askotan prozesu traumatikoa izaten da. Nolakoa izan da zuen esperientzia?
"Salto Handia Aurrerantz" deitu genion Molotov-etik Diagonalera pasatzeko prozesuari. Horrek ekarri zuen erronka berri hori begi onez ikusten ez zuten zenbait pertsonak proiektua uztea, baita beste berri batzuen etorrera ere. Molotov autogestionatutako proiektu kontrainformatiboa zen, "egizu zuk zeuk" filosofian oinarritutakoa. Gizarte mugimenduetako kideek beraiek ematen zuten gertatzen zenaren berri, ez zuten zertan komunikazioaren profesionalak izan, beraiek sortzen zituzten albisteak. Diagonalek bi subjektu horien arteko uztarketa bilatzen du: ekintzaile militantearen eta komunikazioaren profesionalaren artekoa. Batuketa horrek ez dio zertan zorroztasuna kendu behar kazetaritza lanari.
"Gizarte mugimenduetan parte hartzen duenez, ikuspuntu eta begirada lerratua izango du" dioen traba hori desagerrarazteko lan egin behar dugu gaur egun ere. Horixe da azken urteotan Diagonalen bizi ditugun borroka eta tentsioa: egunetik egunera are profesionalagoak izaten saiatzea.
Unibertsitateko karrerak ematen al du profesionaltasuna?
Korporatibismo izaera handia duten lanbide liberaletako afera klasikoa da hori: haien lan-eremuan inor sar ez dadin saiatzen dira defentsiban jarrita. Kazetaritzan ere gertatzen da. Kazetaritza ikasketak egin izanak ez du profesionaltasuna ematen, ofizioa, jakintza eta jakin-mina izateak baizik. Eta horrek, jakina, praktikak ematen dizu. Hamar urteko ibilbidean profesionaltasun espazio bat sortzen asmatu dugu. Errenta, lan ordaindua eta kotizazioa bermatu ditugu Diagonalen lan egiten ari garen 13 lagunentzat, kazetaritza ikasketak izan ala ez.
Gobernuaren azken neurriak bereizketa hori sakontzera datoz, ordea.
Diagonalek ez du bere burua kokatzen kazetaritza herritarraren barruan, baina ukaezina da figura hori oso bizirik dagoela. Gaur egun manifestazio batean telefono mugikorra aldean duen edozein bilakatu daiteke komunikatzaile. Edonork du eskura bere ikuspuntua zabaltzeko edo poliziaren errepresioa agerian utziko duen kasu baten berri emateko aukera, adibidez. Horrek status quo eta establishment delakoari zuzenki eraso egiten dio, eta ikuspuntu horretatik ulertu behar dugu sistemaren erreakzioa. Kazetari "onak" eta "txarrak" bereizteko Gobernuak hedabideen sektorerik korporatibistenarekin akordioa egin izana, txaleko identifikatzailea bezalako neurriak adostuz, kontrolean sakontzeko saiakera da. Edonola ere, irekita dagoen eztabaida da. Kalean informatzen ari den jendearen aurkako poliziaren erasoak etengabeak dira. Mendebaldeko demokrazia ei den sistema batean kasu onartezinak dira horiek, hainbat txostenek salatu duten moduan.
Posible al da hedabideen hegemonia iraultzea aurretik aldaketa politikorik egin gabe? Ala alderantziz da?
Etengabeko tentsioa da. Elkarloturik daude. Halere, ez dakit zein puntutara arte den desiragarria errealitatea zein den ezartzeko moduko rol hegemonikoa edukitzea. Interesgarriagoa da errealitateari buruzko ikuskera konplexuagoa sortzea, ikuspuntu anitzen bitartez horrenbeste itzal izango ez duen begirada izatea.
Daukagun arazorik handienetakoa da zenbait proiektu politikotako harrokeria. Haien espaziotik bakarrik dena aldatzeko gai direla uste dute eta hori ezinezkoa da. Sistemaren korapilo batzuk askatzeko baliagarriak izan daitezkeen gaitasunak dauzka espazio bakoitzak, eta soilik horien guztien batuketaren bitartez lortuko da egiturazko eraldaketa.
M15 mugarria izan da, baita esparru komunikatiboan ere. Nola bizi izan duzue?
Mugimendu edo, zenbait egilek deitu bezala, giro horren agerpenak gainezka egin digu. Errealitatea eta gizarte mugimenduak analizatzeko genituen egiturak, egun batetik bestera, goitik behera erori eta iraungi zitzaizkigun. Proposamen eta ekimen erauntsi batek gaina hartu zigun. Guk hori bizi genuen gizarte mugimenduen parte izanik, beraz egin kontu gainerako hedabideei zer gertatu zitzaien. Mass mediak askoz galduago zeuden eta horrek posible egin du gure burua berrantolatu eta, arian-arian, gertatzen zenari buruzko analisi fin eta landuagoa egin ahal izatea.
Saturazio informatiboa nabaria da, baina aldi berean gizarte mugimenduen presentziak hedabide nagusietan hutsaren hurrengoa izaten jarraitzen du. Gauzak horrela, zentzurik al du lizentzia pribatiboak erabiltzeak?
Jakina ezetz. Gure apustua Creative Commons-en (CC) logikan lan egitea da argi eta garbi. Harrigarria da hedabide handiek lizentzia libreei buruz duten erabateko ezjakintasuna. Sare sozialetako edo Diagonal bezalako hedabideetako argazkiak erabiltzen dituzte baimenik eskatu gabe. CC eta doakotasuna nahasten dituzte. Informazio libreak ez du zertan doakoa izan behar. Zabalpena, kopiak eta nahasteak sustatzea ona da, baina atzean lan handia dago, izan musikan, bideogintzan, testuetan edo arte adierazpenetan. Aitortu eta aintzat hartu behar da lan hori. Horrexegatik oso interesgarria da CC lizentziek, eta kultura librearen munduak oro har, sustatu duten ideia: "Lizentzia askea duen edozer erabiltzen baduzu, antzeko lizentzia libre bat baliatu beharko duzu zure moldaketa zabaltzeko".
Kazetaritzan norekin duzue harreman ona?
Diagonalen anaiatzat sentitzen dugu Kataluniako La Directa astekaria. Nolabait esatearren, gure kontrapartea da Herrialde Katalanetan. Bestaldetik, Diagonalen oso antzerakoak diren zenbait proiektu daude gaur egun eta, eraginkortasun politikoa eta hedapena hobetzeko, indarrak batzearen alde gaude. Hori dela-eta Públicok paperezko edizioa ixtean hainbat langilek sortu zuten La Marea kooperatibarekin, Diario.es hedabidearekin eta Mongolia aldizkariarekin harremanetan gaude. Hiruok elkarlanean Filtrala sortu dugu. Informatikari batzuek garatu duten plataforma da. Ustelkeria kasuak salatzeko moduko informazioa duten pertsonek segurtasun osoz, arriskurik izan gabe, zabaldu dezaten. Elkarlanaren bidea hobetsi dugu, sarri hedabide "txikien" artean dagoen lehia gainditzeko. Elkar hartu behar dugu eta elkarri lagundu.
Noraino heldu nahi duzue?
Diagonal, eta komunikazioa orokorrean, eraldaketa sozialerako tresna gisa ulertzen dugu. Esan gabe doa, eragiteko gaitasun handia izan nahiko genuke eta askoz jende gehiagorengana heldu. Ezagutzen gaituztenak gizarte mugimenduetan edota kazetaritza alternatiboan inplikatuta daude edo gertukoak dira nagusiki. Nekeza da harago joatea baliabide ekonomiko urriak izanik. Madrilgo Complutense Unibertsitateko soziologo Jesús Ibáñezek, El País egunkariaz ari zela, esan zuen: "Komunikabide handiak errealitatea sortzeko tresnak dira, ez bazara haietan agertzen, ez zara". Haiek dira erabakitzen dutenak nor den errealitatearen parte eta nor ez. Horregatik, Diagonalen lana da errealitate hori zabaltzea eta handitzea. Gero eta pertsona gehiagok izan dezan hedabide handiek ezkutatzen duten beste errealitatearen aurpegien berri. | news |
argia-72ca36c1d79d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/ez-al-gara-espetxeetatik-aterako.html | Ez al gara espetxeetatik aterako? | Garbi�e Biurrun | 2015-03-29 | Ez al gara espetxeetatik aterako?
Zalantzarik gabe espetxeak dira, langabezia eta krisia izan ezik, gure albistegietan eta solasaldietan gehien errepikatzen den gaia. Azken egunotan, adibidez, hainbat berri izan ditugu hizpide, beti espetxeen inguruan. Denek merezi dute hausnarketa.
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkariak bisita egin dio Rafa Diezi. Zentzuzkoa dirudi horrelako ekimen batek, etorkizunari begira hainbat presoren egoera eta gogoeta politikoak ezagutu ahal izateko. Baina, bisitaldia zakarki bukatu zen, funtzionario bati –zuzendaritzari, beraz– Diezek Fernandezi erakutsitako papera atsegin ez zitzaiolako, dokumentua politikotzat jo zuen eta. Gogor eta argi hitz egin du horretaz Fernandezek. Baita gogorki eta manipulatuz hainbat hedabidek ere, ETArekin bildu zelakoan Eusko Jaurlaritzako idazkaria.
Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Alberto Plazaola presoaren askatasuna, Auzitegi Nazionalak erabakitakoa. Auzitegi Gorenarentzat atzerrian betetako espetxe zigorrak ez zaizkie metatu behar Espainian betetakoei, eta beraz, Auzitegi Nazionalak eman zuen ebazpena baliogabetu da, Plazaolak espetxera itzuli behar du. Ustezko filtrazioari esker, presoak alde egin du eta ezinezkoa izan da ebazpena betearaztea.
Valentin Lasarte kalean da, hemeretzi urteko zigorra bete eta gero. 30 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegiak, Gregorio Ordoñez eta Fernando Mugica, besteak beste, hiltzeagatik. Lasartek Langraitz bidea hartu zuen eta birgizarteratzeko bidea egin du: aukera horrexegatik Euskal Preso Politikoen Kolektibotik (EPPK) kanporatua izan zen. Horren harira Rafael Catalá, Espainiako Justizia Ministroa "harrituta" azaldu da, epai batzuk "epeltzat" joz, eta Consuelo Ordoñezek, COVITEko presidenteak eta Lasarteren biktima baten arrebak, injustutzat jo du, justiziarekin kolaboratzeko borondaterik agertu ez duelako.
Hiru gertaera horiek hausnarketara gonbidatzen gaituzte. Alde batetik, gizarte osoak poztu beharko luke preso batek, bere zigorra beteta –zegozkion espetxe onurak kontuan harturik– kalean dagoelako, eta kasu zehatz honetan, gizartera itzultzeko asmoa adierazi duelako –gogoan hartu behar dugu, zentzu horretan, Consuelo Ordoñezekin bildu zela espetxean–. Lasarte, beste hainbat bezala, euskal presoa izan da, eta gaur egun euskal herritar librea. Ezingo du inoiz bere iragan krudela ezabatu, noski, baina gizarte honek egindako delituei ezarritako zigorra bete du eta bere jardueraz hausnartu ahal izan du. Ez dut ukatuko bere biktimentzat eta haien senitartekoentzat injustua izan daitekeela, baina, beharbada, biktimen "mendeku" beharra eta gizartearen "justizia" beharra ez datoz bat. Larriagoa da Justizia Ministroak bere harridura azaltzea: horrek ez dauka inolako justifikaziorik eta azalpen bat baino gehiago eman beharko luke horri buruz –beste herrialde batzuetan dimititzera derrigortuta egongo zen–.
Plazaolaren ihesak ez dauka justifikaziorik. Ulertzekoa da inork espetxeratu nahi ez izatea, baina norberaren ardurei eta erantzukizunei aurre egin behar zaie. Halere, aurreko batean esan nuen moduan, Auzitegi Gorenak oso interpretazio zorrotza egin du Europako arauei buruz; Auzitegi Nazionalaren arabera okerra. Ez ahaztu iazko abenduan magistratu horiek Espainiako Gobernuaren presioak salatu zituztela gai honi buruz, hain zuzen ere. Kezkagarria, ezta?
Fernandezenak ere ez dauka justifikaziorik, baina espetxeetako "erregimena" omen da. Gogorra, ezta? Zergatik ezin da politika egin espetxeetan, birgizarteratzeko bide ezin hobea baldin bada? Akaso beste politika bat eskatzen zaielako presoei? Baina gizarteratzea ez da, inolaz ere, norberaren idei politikoak aldatzea, giza eskubideak errespetatzea baizik, besterik ez. | news |
argia-1bc4745eb6a7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/amerikaren-ahots.html | Amerikaren ahots | Igor Estankona | 2015-03-29 | Amerikaren ahots
Poesia Kaiera, Anne Sexton. Itzultzailea: Harkaitz Cano. Susa, 2015.
"Amerika,/ non daude zure egiaztagiriak?" galdetzen dio erretorikoki Anne Sextonek (Massachusetts, 1928-1974) kontinenteari. Fikzio konfesionalaren musak, tripei hitzak jarri zizkien emakume buruargiro zoroak, depresioei adjektiboak jarri dizkio beste behin.
Hilekoak eta drogak ekarri zituen literatura lau xamar batera Anne Sextonek, eta bere garaiko olatuaren gainean lortu zuen errekonozimendua. Ez zen, zentzu honetan, beste idazle madarikatu bat izan. Sarien eztia –eta mikatza– probatu zituen, batez ere poesia alorreko Pulitzerrarekin, 1967an, Live or Die liburuarekin.
Plath baino eratsuagoa eta aurreikusteko errazagoa, Sextonek amerikar poeta klasikoen segurtasuna ekarri zion zalantzaren garaiko lirikari, eta politika egitea lortu zuen kategoria ideologikorik erabili barik. Gauzak erakustearekin nahikoa zuen. Irakurleak bihurtzen du beraz Sexton aldarri: "Emakumeak beratzen jarria du bihotza./ Erauzi egin diote,/ eta kixkalita dagoelako/ azken ekintza bezala/ ur-xorrotaz freskatzen du errekan".
Harkaitz Cano bera ere idazle ezagun baten uhin-bide bihurturik ageri zaigu antologia ondo aukeratutako honetan. Idatzia du donostiarrak berari Sextonen heriotza egiten zaiola laburpen bat ederra: "Cougar auto gorriaren bolante aurrean jarri eta motorra piztu zuen gero. Baina ez motorra bakarrik –eta xehetasun hau ez da hutsala–, irratia ere bai. Anne Sextonen amaiera lazgarriaren teatraltasunak laburbiltzen du bere bizitza. Adikzioa, alaba ere baden amaren larru babestailea, abiaduraren poz bizia, bere buruko ahotsak tapatzeko irratia". Asaldatzen duten ahotsen korua ederto entzuten da antologia honetan. Canori ez zaio aditzen ia. Eta Sextonek gorrotatutako Jainkoaren imitazio inkontzientea garbiro dakusagu: Jainkoa bera dira bere maitasun, amorru eta salaketa ozenak. Poetak mundua oro erakusten digu, gauza itsusiak eta gauza bikainak, eta esan barik artez dena dela efimeroa, dena efimeroa dela sentitzen du batek. Sextonen euria eta inurri gorriak euskal irakurlearen esku daude orain Munduko Poesia Kaieretan. Egia esan bildumarekin gozatzen ari gara, hunkitzen gaituzten irakurraldiak opatzen ari zaigu. Eta zehazki Sextoni buruz asko idatzi da, eta Sextonen idatziak han eta hemen argitaratu dira, baina orain behintzat esan dezakegu: euskaraz daukagu harribitxi hau. | news |
argia-b27695ead193 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/denok-gaude-biolentziaren-gurpil-horretan-sartuta.html | "Denok gaude biolentziaren gurpil horretan sartuta" | Miel Anjel Elustondo | 2015-03-29 | "Denok gaude biolentziaren gurpil horretan sartuta"
Esaten du hiztegiak "biolentzia" hitza latinezko "violentia" hartatik datorrela, "violentus" du adjektibo, hau da, "etenik gabe indarra erabiltzen duena". "Vis" ageri da haien jatorrian, alegia, "indarra". Euskaraz bortxakeria, bortizkeria, indarkeria, biolentzia eta beste ditugu. Biolentzia du gai Unai Elorriagaren Iazko hezurrak (Susa, 2014) narrazio, nobela, saiakera, gogoeta, kronika… min eta ezerosoak.
Biolentzia, bortxakeria, indarkeria… Algortara heldu, herrira sartu, bideari segi, eta hantxe, bandera espainol handiarekin egin dugu topo: Guardia Zibilen kuartela, ez txikia, auzoen etxartean. Haien presentzia armatuak ere badu biolentziatik.
Guretzat bai. Egunero pasatzen naiz hortik, alaba ikastolara daramadala. Eta txikitan ere, egunero pasatzen ni hortik, ikastolatik itzuleran batik bat. Eta inoiz ez naiz ohitu, ezta ohituko ere, banderatzar hori eta morroi horiek metraileta eskuan ikustera. Presentzia horrek bortxatu egiten zaitu neurri batean. Handik pasatu beharra guretzat ez da erosoa, eta, nire ustez, eurentzat ere, Guardia Zibil norbanakoentzat, ez da erosoa. Bortxa egoera bat da, nork edo nork kanpotik agindutakoa, eta bertoko aktoreok, berriz, zeharo deseroso gaude.
Zenbateraino zaizu inportante liburu baten hasiera?
Normalean, modu linealean idazten dut, hasi eta amaitu, nahiz eta buruan egitura bat izaten dudan, eta egitura horren arabera nahasten dudan idatzitakoa. Amaitu eta gero, berriz, hasierako paragrafoak berridazten ditut. Beti. Oso inportantea iruditzen zait liburuari tonua emateko garaian. Hasiera. Aurreko lau liburuetan, idazten amaitu eta hasierara itzuli izan naiz beti, tonua birmoldatu guran. Iazko hezurrak honetan ez dut horrelakorik egin beharrik izan, hiru saiakera egin nituelako aurretik, eta hirugarrenean nik nahi nuen moduan harrapatu nuelako tonua.
Lehenengo paragrafoa aldatuko dizut hona: "Irene Arriasek ia zentimetro eta erdiko urratua egin zion amari jaio zenean, Algortan, 1971ko urtarrilaren 25ean. Odol asko eta desberdinak nahastu ziren amaren izterretatik, likido lodi batzuk ere bai beharbada. (…) Hori guztia Algorta erdi-erdian, trenbidetik oso hurbil, Avenida del Ejército esaten zioten kalean, Bilboko Basurtuko ospitaleari Hospital Civil del Generalísimo esaten zioten bezala, urte bi geroago Eustakio Mendizabal Txikia hara hiltzera eraman zutenean, bala zulo bat bizkarrean eta beste bat buruan, frontalean sartu eta okzipitalean kanporatu zena".
Liburuaren laburpena dago hor, sintesi modukoa. Lehenengo lerroan bertan da odola, nahiz eta beste odol mota bat izan, jaiotzarena… Indarkeriaren inguruko gogoeta egiten ahalegindu naiz. Gogoeta egiteko, batzuetan geurera mugatzen gara. Edo, kontrakoa, oso urrunekora. Estilo trinkoan dago idatzita liburua, eta laurehun orritan gauza asko kontatu ahal da. Nire ahalegina biolentziari alde guztietatik begiratzea izan da. Edo nik sumatu ahal ditudan aldeetatik, beste batzuk ere izango baitira. Horretarako, ondoan ikusi dugunera eta urrunekoenera jo dut: Algorta, batean; Ruanda, bestean. Baita tartekoak ere… Hego Amerikakoa ez da hain urruna, ezaguna da, irakurri dugu horretaz. Europakoa ere ez da horren urruna. Asiakoa, berriz, ikaragarria da… Dena dela, halako batean, idazten ari nintzela, zerbaitek ihes egiten zidala sumatu nuen, nik kontatu nahi nuena ezin zela kontatu saiakera modura, eta horregatik jo nuen atalen artean ipuinak tartekatzera. Gauza batzuk fikziorik fikzioenetik kontatu behar ziren, eta nire iritziz, ipuina da fikziorik fikzioena. Mauthausenen egondakoak lehenengo pertsonan kontatu ahal ditu bizi izandakoak; nik, aldiz, bizi izan ez ditudanez, fikziotik kontatu behar ditut, eta horregatik baliatu ditut ipuinak.
Algortatik abiatu zara indarkeriaren bidean, munduaren zabaleko bortxakeria kontatzeraino.
Kontuan izan dut guk gogoeta handia egin dugula biolentziaren inguruan, ondoan eduki dugulako, lagunak, ezagunak, familiartekoak jo dituelako egoerak. Gogoeta egin dugu gure biolentziaren inguruan, baina nik hori hobeto ulertzeko, sumatu nuen onena beste biolentzia batzuk aztertzea izango zela, diferenteak ote ziren, guretzat terriblea zena zelan gertatzen zen beste leku batzuetan. Aztertu, eta konturatzen zara gurea ale bat besterik ez dela. Zelan uztartu gurea eta besterena? Horixe zen nire lana, baina ez ondorio batera heltzeko, egoerak bata bestearen ondoan jarri eta ikusten dena agerian uzteko baizik.
Badago, izan ere, ondorio ateratzerik?
Uste dut ezetz, baina horixe da joera, ondorioak ateratzea. Are gehiago gaur egungo gizarte arin honetan, sintesia baino nahi ez duen honetan. Literatura, aldiz, hausnarketarako lekua iruditzen zait, buru barruan zer edo zer mugiarazten dizuna, eta zabaltzen zaituena. Oraindik orain jakinarazi zuen Oliver Sacksek gaitz sendaezinak jo duela eta laster hilko dela. Sacksek berak hainbat gogoeta egin du heriotzaren inguruan, eta, hala ere, seguru nago, orain, heriotzako orduan, orain artean egin ez dituen gogoetak ere egingo dituela. Heldulekurik ez da, ez dakigu non gauden, nor garen… gogoeta eginagatik ere, argi izan behar dugu ez goazela inora.
Lau atal ditu liburuak. Lehen hirurak dira eite batekoak; horietan, Irene ezagutuko dugu, atzerriko biolentzia egoera bortitzak berrituko dizkiguzu, euskal baladak ere lotuko dituzu narrazioaren harian, zeure irakurketak ere ageriko dira…
Gerora besterik idatziko ez banu bezala idatzi dut liburu hau. Aurreko liburuetan gauza asko kontatzen nuen, baina beti uzten nuen atalen bat etorkizunean idazteko. Oraingo honetan, aldiz, ez; dena bota dut, erraietan dudan guztia. Hain zuzen, inoiz ez dakizulako noiz etorriko den azkena!
Lehenengo hiru atalak era batekoak dira; aldiz, guztiz bestelakoa da laugarrena, lanari erremate emanez bezala.
Beti esaten dut: lehenengo hitza jartzen dudan orduko, badakit zein izango den liburuaren azken hitza. Jakina, beti izango da aldaketa txikiren bat edo beste, egitura moldaketak han eta hemen, baina hezurdura nagusia egina dut hasiera-hasieratik. Laugarren atal horrexekin amaitu nahi nuen liburua. Indarkeria egoera jakin eta zehatz batera jaisten naiz: inor ez dagoela libre adierazi nahi nuen, denok gaudela biolentziaren gurpil horretan sartuta, eta edonoiz edozelan gertatu, edonon, ahal dela indarkeriak gu jotzea, hau da, urrun dagoela iruditzen zaigun biolentziak edozein momentutan jo gaitzakeela gu ere. Eta gu ez bada, Suitzako bat, adibidez. 1921ean juduak oso aberats bizi ziren Alemanian eta Europan. Ez zuten berehalakoan pentsatuko zer etorriko zitzaien. Berdin tutsien eta gainerakoen kasuan.
Izaretan ipuinak berak bakarrik liburua mereziko luke. Ipuin horrek eragiten duen ondoeza!
Horixe esan zidan andreak. Berak irakurri zuen liburua lehenengo, eta ipuin horrek gorputzaldi txarra egin ziola esan zidan. Beti izan dudan beldurra –alaba jaio zenetik, batez ere– kontatzen du ipuinak, eta hori ere bota dut, behintzat. Oso gustura gelditu nintzen ipuina idatzi nuenean.
Heziketa dugu beti aipagai, baina zure liburuan, Ruandako tutsiak bestela dio, hau da, heziketak ez duela pertsona hobetzen, baizik eta eraginkorrago bihurtzen.
Karikatura hor dabil, diktadoreak jende xehea direla, ezjakinak… baina zenbaiten biografiak aztertu eta garbi ageri da jende jantzia dela, jende ikasia. Ruandar irakasle batek esaten du hango genozidioa unibertsitatean prestatu zela: zenbait irakaslek estrategia bat landu zuten, irratian propaganda zatiak, esaldiak, zabaltzen hasteko. Estrategia horren helburu zen hutuak apurka-apurka kontzientziatzea, berotzea, ondokoak hiltzeko. ButaReko unibertsitatean asmatu zuten estrategia.
Ez dago itxaropenik, orduan? Biolentziarekin bizitzen ikasi behar dugu?
Heziketari dagokionez, ematen du unibertsitatean produktiboago izateko, enpresak gero eta diru gehiago irabazteko, munduan barrena hedatzeko hezten dela pertsona. Hortaz, bestelako heziketa bat beharko genuke. Nik uste biolento ez izaten ere ikasi egiten dela. Hala ere, lehiakortasunera bideratuta baldin badago gure lana, "ni gainetik, zu azpitik", ez da onik etorriko. Eta unibertsitaterik handienak horretan dabiltza.
Aurkezpenean esan zenuen –berba erdika, gura baduzu–, gehiago ez ote duzun idatziko. Edo argitaratuko. Bazterrak astindu ditu horrek, hein batean.
Nik neure modura ulertzen dut literatura: ez da katedra bat, behin ailegatuta, bertan gozo egotekoa… ezta urtero nahitaez zer edo zer argitaratu beharra ere. Niretzat oso gauza berezia izan da umetatik. Ez nago urtero liburu bat argitaratzeko eta edozeri buruz hitz egiteko prest. Astiro idatzi nahi dut, eta zer edo zer emateko dudanean, eman. Horretarako, ezin zara profesionala izan, ni orain artean izan naizen moduan. Modu horretara, egoera kafkiarra sortzen da, zuretzako oso inportantea den zerbait, zure lanbide eta ogibidea den hori, hari mehe batzuetatik zintzilik dago. "Zertan nabil ni hemen denbora alferrik galtzen? Nahiago dut bestelako lanen bat egin, eta idatzi, nire existentziaren zer inportante moduan, baina nire lanbide egin gabe". Horixe pentsatu nuen, eta horretan nabil, bestelako bideak jorratzen. Bitartean, idazten segituko dut, eta zer edo zer inportantea emateko dudanean, argitaratu egingo dut, dela bost, zazpi, hamar edo hamabi urterik behin. | news |
argia-4428cfbf8673 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/aliatuek-milioitik-gora-alemaniar-bortxatu-zituzten.html | Aliatuek milioitik gora alemaniar bortxatu zituzten | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-03-29 | Aliatuek milioitik gora alemaniar bortxatu zituzten
Miriam Gebhardt historialari alemaniarrak Als die Soldaten kamen (Soldaduak etorri zirenean) lana argitaratu du. Bertan dio Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan soldadu aliatuek milioi bat inguru emakume eta neskato alemaniar bortxatu zituztela. Gutxienez 860.000 izan zirela dio Gebhardtek, baina iturri batzuek kopurua bi milioiraino igotzen dutela.
Izugarrikeria horiek sobietarrek soilik egin zituztela zabaldu izan da, baita nolabait justifikatzen saiatu ere: Stalinek ahalik eta min gehien egiteko agindua eman omen zuen, mendekua xede. Baina Gebhardtek dio bortxaketak sistematikoak izan zirela eta britainiar eta estatubatuarrak neurri berean izan zirela erantzuleak.
Biktimen %10 bortxatu ondoren hil zituzten eta zehaztu gabeko beste portzentaje bat haurdun geratu zen. Hurrengo hilabeteetan sekula laguntzarik eta babes ofizialik jasoko ez zuten milaka haur jaio ziren. | news |
argia-ea3f1d36ce12 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2455/interneten-euskaraz-aritzeko-boluntarioak-behar-dituzte-mintzaneten.html | Interneten euskaraz aritzeko boluntarioak behar dituzte Mintzaneten | Onintza Irureta Azkune | 2015-03-29 | Interneten euskaraz aritzeko boluntarioak behar dituzte Mintzaneten
Duela hogei urte Donostiako Bagera euskara elkarteak Mintzalaguna jarri zuen abian. Euskara ikasten ari zena euskaraz zekien batekin elkartuko zen eta bigarrenak lehenengoari mihia euskaraz dantzatzen lagunduko zion. Arrakasta izango zuen zalantza handiak zituzten batzuek, besteak beste, ez baitzuten elkar ezagutzen. Orduz geroztik, erruz zabaldu da ekimena Euskal Herrian.
Mintzanet.net webguneak antzeko funtzioa betetzen du. Alde handiena da, munduko edozein txokotako bi biztanle jartzen dituela harremanetan, teknologia berriei esker. Bidelariak eta bidelagunak dira istorio horietako protagonistak. Bidelariak euskara hobetzen ari direnak dira, eta egitasmoan parte hartu ahal izateko euskara maila gutxienekoa eskatzen zaie, hau da B1 maila izatea. Bidelagunei berriz, ez diete inolako titulurik eskatzen euskara maila frogatzeko. Haiek borondatea eta pazientzia behar dute izan.
Bada, Mintzanetek bidelagunak behar ditu munduko edozein bazterretan euskara ikasi nahian dabiltzanei, pantailatik pantailara bada ere, hitz egiteko aukera eman ahal izateko. | news |
argia-c0a9ff902379 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/ripen-esentzia-umiltasuna-eta-gordintasuna.html | RIPen esentzia: umiltasuna eta gordintasuna | Iker Barandiaran | 2018-10-21 | RIPen esentzia: umiltasuna eta gordintasuna
Arrasateko RIP taldeak ezin hobeto gorpuztu zuen 80ko hamarkadako Euskal Herriko punka. Taldeak idatzitako hitzek garai soziopolitiko hura modu gordinenean deskribatu zuten eta musika ere gogorra eta zuzena zen. Hori zen hain justu garai hartako gazte askok bizi eta sentitzen zutena. Diskografia laburra du laukoteak, baina erabat irmoa eta sinesgarria. Horregatik, askoren gogoan dago eta bere emaitzak bizirik dirau belaunaldiz belaunaldi.
Taldekideen izaeragatik, baina, berandu kaleratu zituzten diskoak eta, aukera izan arren, ez zuten inoiz taldea ezagutzera emateko inongo pausorik eman. Beraien izaera umil, kaletar eta punkyari eutsi zioten beti. Seguruenik, horregatik, ez zen orain arte, Eskorbuto eta Cicatriz taldeek ez bezala, taldearen historiari buruzko idatzizko lanik existitzen. Bakarrik orain dela hamahiru bat urte taldeari gorazarre egiteko Goiena-k eta Gaztelupeko Hotsak-ek argitaratutako RIP, Punkaren 25 urteko historia bizia DVD-CD dokumentala.
Oraingoan, bada, Silencio Toxico fanzinea egiten duten Lleidako Judit Uriach eta Nando Alonsok Larga vida a RIP fanzine-liburu osatua egin dute RIP taldeko Txerraren eta Arrasateko beste hainbat pertsonaren laguntzarekin. 376 orrialde ditu eta oso landua dago. Arrasateko, Euskal Herriko, Kataluniako eta Aragoiko dozenaka pertsona elkarrizketatu dituzte eta, horien lekukotasunek lagunduta, arrasatearren ibilbide osoa errepasatu dute. Euskal Herritik kanpo ere harrera itzela izaten ari den lan horretan RIPen sorreraren testuingurua ulertarazten saiatu dira, eta taldearen ibileraz eta taldekideen izaeraz jabetzeko erreferentziazko lana da.
Liburu-fanzine kontzeptua ulertzeko azaldu beharra dago egileek uneoro oso presente izan dutela RIPen izaera eta esentzia; hala, argitalpenaren sorkuntza kolektiboa izan da, maketazioa fanzine kutsukoa eta salmenta eta banaketa modua ere alternatiboak.
Liburuak, gainera, CD-bilduma bat dakar opari. Hala, Silencio Toxico fanzinetik hurbil dauden Kataluniako eta Madrilgo hainbat talde eta Euskal Herrikoak –Arrasatekoak nagusiki– gonbidatu dituzte RIPen kantak interpretatzera, 27 guztira. Are gehiago, horien artean nabarmentzekoa da RIPek inoiz argitaratu ez zituzten bi kanta ( El violador eta El pastor ) ere berreskuratu izana. | news |
argia-3bf3981fd7ca | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/aurrekontu-sozialak-lehenetsi.html | Aurrekontu sozialak lehenetsi | Juan Mari Arregi | 2018-10-11 | Aurrekontu sozialak lehenetsi
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Lakuako gobernuari EAEko aurrekontuak onartzeko egindako proposamenek, mahai gainean jarri dute hauen garrantzia.
Ez da gauza bera PPk eta PSEk aurrekontuei babesa ematea –euren eskaerak aintzat hartuz gero– edo Eusko Legebiltzarreko ezkerreko bi taldeek ematea; azkenekoon aldarrikapenak askoz zorrotzagoak baitira ikuspegi sozialari dagokionez. EAJk bere jarrera zehaztu beharko du eta erabaki zeinen babesa nahi duen. Eta hori bere lehentasunen arabera egingo du.
Bai EH Bilduk eta bai Elkarrekin Podemosek egindako proposamenek , Euskal Herriaren zati honen benetako testuinguru politiko eta soziala jasotzen dute, eta kalean dauden arazo larriei erantzuten diete: gaurko eta geroko pentsionisten egoera –batez ere alargunena–, enplegua, prekarietatea, soldata arrakala, ezberdintasun soziala, La Navalen etorkizuna, eta abar. Egia da proposaturiko neurrien kostu ekonomikoa zenbatu behar dela eta Eusko Jaurlaritzak zer aukera dituen aztertu beharko lukeela oposizioarekin.
Baina Lakuak jadanik esan du ez dela bideragarria ekonomikoki. Logikoa. Bideragarritasun hori, ordea, lehentasunen araberakoa da: badago dirua armentzako, poliziarentzako eta ejertzitoarentzako, edo AHT eta antzeko azpiegitura antisozialentzat; badago dirurik politikarien soldata milioidunak ordaintzeko, eta Lemoizko "mamu nuklearra" edo militarren kuartelak mantentzeko ere bai.
Agian 1.080 euroko gutxieneko pentsioa gaur egun ez da posible… baina norabide horretan aurrera egiteko negoziatu daiteke. Eta La Naval salbatzeak ez du esan nahi soilik ontziolako lanpostuak mantentzea , eskualdeko zeharkako beste milaka langile eta autonomoren bizibidea salbatzea ere bada. Lehenesten den hori guztia egin daiteke. | news |
argia-a15409f66fda | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/luis-angel-gainza-dokumentu-biltzailea.html | "Euskal Herrian sortu diren dokumentuen %2 inguru jaso dugu soilik" | Jabi Zabala | 2018-10-21 | "Euskal Herrian sortu diren dokumentuen %2 inguru jaso dugu soilik"
Jubilatuta dago Luis Angel Gaintza (Bilbo, 1942), baina inola ere ez geldi. Bilboko kaleetan txistulari, plaza dantza saioetan dantzari eta Bilbo Kantari zuzentzen ikusiko dugu, baina batez ere alderdi, sindikatu eta kultura elkarte gehienetan ezagutzen dute, hainbat agiritegirentzat aldizkari, kartel, panfleto eta bestelako denetariko dokumentazioa biltzen ibili baita azken 40 urteotan, musu-truk.
.
Nola hasi zinen agiriak biltzen?
Euskarazko idazlan lehiaketa antolatu genuen 1977an Deustuko ikastolakook, Euskera, gauzarik nagusiena lelopean, eta 3.800 idazlan jaso genituen Euskal Herri osoko ikastoletatik. Bilboko Astoria zinean egundoko jaia antolatu genuen eta idazlan guztiak Euskaltzaindiara bidali genituen, bertan gorde zitzaten. Hainbat hedabidetan egin genuen bira eta Deia jaio berrian Amatiñok elkarrizketatu gintuen; artean Egin sortu gabe zegoen. Berak aipatu zidan bazela Lazkaon monje beneditar bat, Juan Jose Agirre, klandestinitate garaiko gauzak jasotzen hasi berri zena. Nobizio aldia Montserraten egina zuen Agirrek, han ikusi zituen katalanak horrelakoak jasotzen eta gordetzen eta gauza bera hemen egitea pentsatu zuen. EGIn ibilia nintzen eta Gudari aldizkariaren ale batzuk gordeak nituen, panfletoak, ikurrinak, Sabino Aranaren irudia zuten plantxak... Postaz hasi nintzaion materiala bidaltzen eta halako batean bisita egitea deliberatu nuen, aurretik telefonoz abisatuta.
Hasieran Agirre ez omen zen zutaz fio.
Ordurako ETAren inguruko hainbat agiri jasoak zituenez, txakurra ote nintzen susmoa hartuta egon zela kontatzen du berak, eta lehen bisita hartan, badaezpada, zenbait gauza ezkutatu zituela, organoaren barruan-eta. Ondoren emaztearekin joaten hasi nintzen eta hura uste ona hartzen hasi zen apurka-apurka. Agirrek egiten zuenak guztiz liluratu ninduen, pegatinetatik hasi eta zapaldutako panfleto zikinetaraino sailkatu eta artxibatzen zituelako.
Orduan harentzako agiri biltzailea bilakatu zinen.
Saltzaile lana egiten nuen enpresan, Euskal Herri osoko fabrikak bisitatzen. Lanerako egin behar nituen bidaiak baliatzen nituen herriz herri gauzak jasotzeko, baina jubilatzeko unea heltzean hura bukatu zen. Orduan, 2004an, bilketa lanari jarraipena eman ahal izateko, Lazkaoko agiritegia, Labayru Fundazioa eta Antso Jakituna Fundazioa bildu eta Euskodok elkartea sortzea adostu genuen. Alde batetik lan horri seriotasuna emateaz gain, lehen, enpresaren kostuz ordaintzen ziren bidaiak eta gastuak ordaindu eta diru laguntzak jaso ahal izateko
L. A. Gaintza bere artxiboan. (Arg.: Iñigo Azkona)
Hiruentzat egiten duzu bilketa lana?
Bai, eta gehiagorentzat ere bai. Hasieran Lazkaorako hasi banintzen ere, gero Labayru ezagutu nuen eta haiek ere eurentzat jasotzea eskatu zidaten, gero Euskaltzaindiako Arana Martijak, gero Antso Jakituna Fundazioko Carmen Gómezek, Nevadako Jon Bilbaok… Lonjan 16 kutxa izatera heldu naiz, beste hainbeste jasotzailerentzat bildu izan baitut.
Lan hori ez luke berez administrazioak egin beharko?
Bai, baina lan honetan ez dago argazkirako jartzerik, ez dago mozteko xingolarik. Lan zikina ez balitz, segurutik administrazioan departamendua egongo litzateke kultura arloan herrietan sortzen dena jarraitzen.
Irizpideren bat baduzu dokumentuak jasotzeko?
Kultura edo politikari buruzkoak dira, baina hortik aurrera ez dut bereizketarik egiten, guretzat denak balio du. Denetariko tokietan izan naiz beso zabalik hartu naute. Jaurlaritzarentzat aritu izan banintz agian uzkurrago jokatuko zuten, baina Lazkaoko monjearentzat zela eta denek eman izan didate. Batzuetan, baten batek "hau ezin dizut eman, barneko agiria da eta" esaten zidan, baina azkenerako agiriok lortzen nituen, trukean monjearen otoitzen bat aginduta. GALek Santi Brouard hil baino astebete lehenago harekin izan ginen Agirre eta biok bere kontsultategian, HASIren agiri batzuk Lazkaora eramateko eskatzen.
Estatusik gabeko euskarriak dira askotan.
Guk material iragankorra deritzogu, agertu bezala desagertzen diren dokumentuak, jendeak garrantzirik ematen ez dielako. Labayrun 80.000 kartel inguru daude pilatuta eta itzelezko pegatina bildumak daude. Astelehenero 20 bat jubilatu ibiltzen gara han, dokumentuak sailkatzen. Asko galdu da. Nire kalkuluen arabera Euskal Herrian sortu diren materialen %2 inguru jaso dugu soilik.
Eta zertarako balio dute gero, ikerketak edo egiteko?
Garai bateko eta egungo jai egitarauak alderatuz ikertu dezakezu zer egoten zen lehen eta zer dagoen egun. Kartelak, pegatinak… denak dira garrantzitsuak. Politika tesi asko egin dira Lazkaoko agirietan arakatuta. Euskal Herriko historia garaikideari buruzko ikerketaren bat egin nahi duenak derrigorrezkoa du Lazkaora joatea.
Zer jarraipen izango du bilketa lanak zuek ez zaudetenean?
Instituzioen aldetik serio hartu beharko lukete gaia baina ez gure bidez. Ikusi beharko lukete zer ari garen egiten eta beraiek bilketa egiteko modu bat antolatu, aspalditik ari naiz hori esaten, bestela etorkizun iluna izango du lan honek gu desagertzen garenean. | news |
argia-9200ba347494 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/sad-nigiri-aurretik-sad-mirri-gisa-ezaguna-musikaria.html | "Trap-a showrako aitzakia hutsa da" | Kepa Matxain | 2018-10-21 | "Trap-a showrako aitzakia hutsa da"
Mirri triste dagoela esanez agertu zen plazan, ileorde gorri bat buruan. Bat-batean, entzulea erotzeko asmoa zeukan meditazio disko bat argitaratu zuen. Orain, ezustean, Mirri hil du, eta sushi izenez birbataiatu du bere burua. Ikusitakoak ikusita, biharko ze asmo duen galdetu diogu, baina futbolariaren erantzun anbiguoa eman digu: burua hurrengo partiduan daukala.
Triste jarraitzen duzu?
Goizeko 09:59tan soilik. Bestela ongi nago, salbu eta une garratz batzuetan. Postrerako jogurtik gelditzen ez denean, adibidez.
Zure Instagrameko argazkietan kopetilun ikusten zaitudalako esan dizut.
Jakina, nik ere izaten ditut txakalaldiak, edozein pertsonak, animaliak edo robotek bezala. Halere, arretaz begiratuz gero, ohartuko zara argazki tristeak baino gehiago direla alaiak. Mirri, aldiz, ez. Hura tristurara bideratua dago.
Nola hura ? Ez al zara zeu Sad Mirri ba?
Jada ez. Hemendik aurrera Sad Nigiri nauzu, baratxuriak tomatearekin ondo ezkontzen baitira.
Noiztik hori?
Ez dezagun tipula ere ahaztu. Ai, tipularen negarra…
Jakitearren soilik: zergatik dago Mirri tristurara bideratuta?
"Post-umorea edota pre-drama deitzen diot nik: inolako mezurik ez bidaltzea da nire proposamena"
Bizitza gogorregia izan da berarekin –eta ez naiz ari droga edo familia arazoez, horretaz ez dakit ezer–. Dakidana da askotan merezi gabe sufritu izan duela. TMT –Txirri, Mirri eta Txiribiton– hirukotearen etsai gehienei modu eraginkorrenean aurre egin dien pailazoa dela uste dut, eta, hala ere, tratu bidegabeak jasan behar izan ditu. Etsai maltzurrenek bera egurtzen zuten gehien, Xaguxarroskik eta Patxistein Doktoreak, batez ere. Bera beti saiatu izan da jendea alaitzen eta ondo pasarazten, eta urteak igaro ahala horrek ondorioak ekartzen ditu: psikoterapia, marihuana sendagarria, padelean jokatzea, eta beste.
Halakorik. TMT hirukotearen azterketa psikoanalitikoa egina daukazu?
Bai, umetatik jarraitu ditut. TMTren VHSak ikusi ahala beren jokaerak aztertzen nituen, sei edo zazpi zatitan banatutako udarea jaten nuen bitartean. Pailazoz mozorrotzen nintzen, eta aitak grabatzen ninduen. Gero, hamalau bat urterekin, Txirri Manson izeneko musika talde bat osatu genuen lagun batzuen artean –zarata egiten genuen–.
Adinagatik –24 urte– ez al zitzaizkizun tokatzen gehiago Takolo, Pirritx eta Porrotx (TPP)?
Jarraitzen nituen, baina gehiago konektatzen nuen TMTrekin. Bazeukaten zerbait, ukitu bitxi bat, gustuko nuena. Gogoratzen naiz nola behin, hamar bat urte nituela, aitarekin kalean nindoala, hark esan zidan: "Begira, hori Txirri da". Makillaje gabe zihoan. Zirrara sentitu nuen.
Pentsatzen dut izango duzula iritzi bat Txirri, Mirri eta Txiribiton Juniorri buruz.
Behin ikusi nituen zuzenean. Ez dago ezer esan beharrik. Herriko festetan jotzen duen tributu-talde bat ikustea bezalakoa da, negar malkoak eta nostalgia gehituta. Agian Sad Junior jarri behar nioke izena proiektuari lel .
Argazkia: Dani Blanco.
Bat-bateko izen aldaketa gehiago ez, mesedez.
"Hainbeste buelta eman zaizkionez, rapetik aldentzen den edozer da trap-a hemen. Eta askok ez dute ezertarako balio musikari bezala"
Ez, lasai, gaur ez dut gosaldu. Dena dela, udarearen irudiarekin jarraitzearren, argitu nahi nuke TMT hirukoa ez dela proiektu honek duen tematikaren %100a. Lehen aipatutako udarea adibidetzat jarriz: sei zati horietako bat –handiena, ziur asko– TMT da, baina beste zatiek ez dute horrekin zerikusirik: zati bat izan daiteke pizza bat, beste bat Jim Carrey, kolore morea, edo kalean ikusi dudan zakur baten isatsa… gehienetan bizitako uneetan oinarritzen naiz. Post-umorea edota pre-drama deitzen diot nik. Inolako mezurik ez bidaltzea da nire proposamena – no message lol –. Ideia konkreturik gabe, irudimena paseatzera ateratzean datza kontua, gero sormenarekin elkartu eta txokolatezko donut bat jaten duten arte. Nola ez, jendea "WTF?" moduan gelditzen da. Ustelkeriaz, bortxaketez, arrazismoaz edo gerrateez ere eman nezake iritzia, baina ez dut uste hori Sad Nigiri proiektuaren parte denik.
Ez duzu denbora askorik behar kantak egiteko. Berehala kaleratu zenuen Port Aventura lehen diskoa.
Youtubeko kontu bat neukan eta maiz igotzen nituen bideoak. Horietako batean, asmo handirik gabe, Kurt Kobainilla kanta igo nuen, Mirriren ileorde bat jantzita, hura triste dagoela kantatuz. Biharamunean Gaztea irratian bota zuten, eta agian bideo bat baino gehiago izan zitekeela pentsatu nuen, aspaldi bainenbilen bakarka zerbait egiteko gogoz. Nire lagun Kearekin hitz egin eta bere estudioan grabatzen hasi ginen. Hilabete baino gutxiagoan atera zen Port Aventura , hamar kantarekin. Ez zitzaidan kontzerturik atera. Handik hilabetera Meditation whatsapp grabatu nuen, etxean aspertuta nengoela.
Meditazio disko bat, horrela, bat-batean.
Aspertzea oso garrantzitsua da. Meditaziora zaletu nintzen garaitsu hartan. Entsegu lokalaren ondoan yogako ikastaroak ematen zituztenez, klase orduetan ezin izaten genuen entseatu. Hortaz, yogan izena eman nuen eta meditazioaren munduan kuxkuxeatzen hasi nintzen. Meditatzeak antsietatea baretzeko eta lasaiago bizitzeko balio dit. Garai hartan, gidatutako meditazioak entzuten nituen etxean –orain nahiago dut ezer gabe jardun– eta honakoa otu zitzaidan: zergatik ez sortu meditazio gidatu bat, baina entzulea erotzeko asmoarekin? Eta horri ekin nion. Ohiko meditazio diskoa dirudi hasieran, baina bat-batean garrasiak hasten dira, beldurrezko sampleak… oso harrera hotza izan zuen. Lagun batek aipatu zidan tortura metodo ona izan zitekeela. Beste batek, aldiz, kontrakoa: 39ko sukarra kolpetik jaitsi zitzaiola diskoa entzun ostean.
Eta hirugarren diskoaren izenak – White Bernie – zeri egiten dio erreferentzia?
Orain arteko diskorik landuena da, eta jendeari gehien gustatu zaiona. Loop-ak eta free use sampleak erabili nituen, trap eta lo-fi kutsuko lana osatzeko. Izenburuak Deftonesen White Pony -ri egiten dio keinu. Bernie nire untxia da, hiltzeko zorian egon zen. Merezi zuen disko on bat. Zorionez, ondo atera zen dena. Gero, lehen kontzertua jo nuen Urnietako Saroben. Hirugarren diskoa kaleratu ostean. Trap life .
Zu ere traparen zakura, beraz.
Eztanda bat ari da gertatzen, harri azpitik agertzen dira musikari berriak. Eszena urbano hori gero eta zabalgoa da inguruotan. Ezagunenak Gorpuzkingz izango dira –Euskal Traparen Aitzindariak– baina badira gehiago: Arrano Pertxa, Kea, Weird Joa...
Gorpuzkingz-ekoekin, gainera, egin zenuen kolaborazio bat.
Oso modu naturalean sortu zen. Karibear Uharteetan topatu ginen, eta 845 zigarro –elektroniko– erre ostean, Zakil O'Neal eta bioi elkarrekin abesti bat egitea bururatu zitzaigun. Izugarria izan zen 845 zigarro batera erretzea.
Kea-rekin ere aritu zara kantu batean baino gehiagotan.
Kea eta biok betidanik izan gara lagun onak. Beraz, istorio hau ez da Gorpuzkingz-ekoena bezain harrigarria. Ukrainan dagoen amodiozko tunelean ura edaten ari ginela, nire lehen diskoa grabatzen lagunduko ote zidan galdetu nion. Baietz, hark, eta ate magikoaren bitartez bere etxera joanda, Port Aventura grabatzeari ekin genion. Disko horretako abesti bat berak ekoiztua da, eta oso zoriontsuak izan ginen hura grabatzen. Kearekin musika kontuetan aritzea beti da aberasgarria eta dibertigarria.
Nola ulertzen duzu trapa?
"Hainbeste musikari dagoen honetan, irudiak hartu du inoiz baino garrantzi handiagoa"
Zaila da definitzen, egun edozeri deitzen baitzaio trap. Nik, adibidez, Kinder Malo, Pimp Flaco eta horiekin entzun nuen aurrenekoz hitz hori. Arreta piztu zidaten, eta pixkanaka Yung Leanen tankerako apustu saddie -agoetara igaro nintzen. Gainera, betidanik gustatu zaizkit letra surrealistak, nahiz eta hori ez dagoen derrigorrez traparekin lotuta, jatorriz ghettoetako musika baita. Halere, hainbeste buelta eman zaizkionez, rapetik aldentzen den edozer da trap-a hemen. Ausartzen naiz esatera askok ez dutela ezertarako balio musikari bezala. Hainbeste musikari dagoen honetan, irudiak hartu du inoiz baino garrantzia handiagoa. Cecilio G, adibidez. Bere musika gustatzen zaidan arren, askok bere kopetako gurutzeagatik ezagutzen du soilik. Edo C. Tanganaren irudi harroxko hori, edo Yung Beef bera... dena da irudia. Showrako aitzakia hutsa da trap-a. Egun, musikaz deus jakin gabe egin dezakezu musika. Loop bat deskargatu, bateria bat gehitu eta kantak egin daitezke bost minutuan. Horri irudi indartsu bat gehitzen badiozu, aurrera egiten du.
Ze asmo aurrerantzean?
Aurrera begiratzea ez zait gehiegi gustatzen. Oraingoz, egunotan jo behar ditudan hiru kontzertuetan pentsatzen ari naiz.
Burua hurrengo partiduan daukazu.
Hori da. Entrenatu gabe, baina hurrengo partiduan. Grinchiek eta biok ondo pasatu nahi dugu. Gainontzean, sortzen jarraituko dut Sad Mirrirekin, Sad Nigirirekin edo Happy Porrotxekin.
Grinchie? Nor da hori?
Nire ordenagailua. Segurtasun falta disimulatzeko aitzakia bat, agian. Betidanik jendez inguratuta jo dut taldeetan, baina orain bera da nire ezagun bakarra. Musika ere bere bidez egiten dut, FL Studio eta Cubase bidez. FL Studio demo moduan daukat, gainera, eta horrek gauzak zailtzen ditu, ordenagailua derrigor piztuta eduki behar izaten baitut. Abesti bat bukatutzat eman eta ordenagailua itzaltzen badut, edota programa ixten badut, ezin izaten dut hura errekuperatu biharamunean aldaketaren bat otutzen bazait. Grinchie deitzen diot, lehen diskoaren azalean Grinch agertzen delako, eta une batean nire kideak seinale arraro bat bidali zidanez, pentsatu nuelako Grinch izan nahi zuela. Grinch bezain altua ez denez, Grinchie deitu nion. Jim Carrey gure idoloa da gainera.
Azken mezurik?
Gazteei, batez ere: jan purea, ona da eta. | news |
argia-1341d5977a75 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/zentzumenen-bidaia-isturitzetik-etiopiara.html | Zentzumenen bidaia Isturitzetik Etiopiara | Dabi Piedra | 2018-10-21 | Zentzumenen bidaia Isturitzetik Etiopiara
Isturitzetik Etiopian barrena errezitaldiaren kronika. Irailaren 21ean, Bilboko Bira gunean.
Letra hutsetik arte bisualera eraman zuen Joxan Artzek poesia, irakurtzeko ez ezik, ikusteko, hautemateko moduko olerkiak idatzi zituen. Ideia horretan sakondu du sortzaile gazteen talde batek, Artzeren neurri-neurriko omenaldia den Isturitzetik Etiopian barrena ikuskizun-errezitaldian. Bilboko Erronda kaleko Bira gunera heldu ziren irailaren 21ean Beñat Goitia eta Adrian Puck DJ, Hamburgo Platz zikloak gonbidatuta, ikus-entzuleen zentzumenak eta barrenak kitzikatzeko asmoz. "Diziplina anitzeko kontzertu literario teatralizatua" agindu zuten antolatzaileek.
Joxan Artzeren poesian zeharreko bidaia Bernardo Atxagaren Etiopia -tik pasatuz egin zuten, izenburuak ondo adierazten duen legez. Atmosfera geldo eta iradokitzailean, aretoaren ilunpean, Artzeren eta Atxagaren olerkiak entzuteko aukera izan genuen, baita Beñat Goitiak idatzitako batzuk ere. Zuzenean errezitatuak batzuk, grabazioak besteak, gitarraren eta Adrian Puck DJ-ren soinu efektuek lagunduta beti.
Atzean pantaila, irudiak proiektatzeko. Arantzazuko hamalau apostoluak, elurretan noraezean dabilen gizona, isilik eta geldi geratzen den piano-jolea... ikusi genituen, olerkien osagarri. Edo, batzuetan, poesia zen irudien osagarri? Emanaldiko alderdi bisualaren atzean Aitor Zarzuelo dago, baina Bira guneko oholtzan Beñat Goitia eta Adrian Puck DJ baino ez ziren azaldu.
Artzek lerro eta hitzen formekin jolastea atsegin zuen, irakurleak begiekin ere entzun zezan poesia. Isturitzetik Etiopian barrena n paperetik lau haizetara jauzi egin zuten Artzeren olerki iradokitzaileek. Esate baterako, lanari eskainitakoan, oihartzunek, errepikapenek, kakofoniek, kontsonanteen kolpeek eraman gintuzten langilearen zeregin mekanikoa bere gordinean bizitzera.
Zentzumenen eta sentsazioen saltsa horretan, Isturitzetik Etiopiarako bidaia zirraragarria egin genuen, euskal kulturaren sinboloetan eta gizakiaren barren-barreneko kezketan geldialdiak eginaz. Horren guztiaren gidari, irudia, soinua, ahotsa. Eta isiltasuna. Aretoaren epelean hotz sentitzeraino. Ezinegona. Baina ezinegon gustagarria, sormenaren zirrikituetatik bidaia ederra egin genuen eta. | news |
argia-c361285dea90 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/ez-dut-maite-baina-bai.html | Ez dut maite baina bai | Xabier Etxaniz Erle | 2018-10-21 | Ez dut maite baina bai
Algar argitaletxe valentziarrak zortzi album argitaratu ditu euskaraz azken urte hauetan, eta horietako erdiak Rocio Bonillak eginak. Liburu bitxiak dira, eta egitura aldetik hauxe dugu horren froga argiena. Neba-arrebak! alde bietatik irakur daitekeen obra dugu, ez du atzeko edo aurreko alderik, irakurleak bi azal aurkitzen ditu liburu honetan (ohiko azal eta kontrazalaren ordez). Eta bi azal dituenez bi istorio irakur daitezke, bi narratzaile, baina egitura bera errepikatuta. "Ez dut arreba maite" esaldiarekin ekiten dio bere kontakizunari mutilak; "ez dut anaia maite" esaldiarekin, aldiz, neskak. Eta bai batak bai besteak neba-arrebaren alde txarrak aipatzen ditu, zergatik ez duen maite (txikia sentiarazten duelako, zapaltzailea delako; dena txikitzen duelako, negarrontzia delako…). Baina, askotan gertatzen den bezala, uste baino maiteago dugu pertsona hurbil hori. Kontakizuna hitzen eta irudien bidez egiten du Bonillak; hitz gutxi eta irudi esanguratsuen bidez mezu argia adieraziz irakurketa errazten digu.
Mila arrazoi egon daitezke neba-arreba bat gorrotatzeko, eta horietako batzuk aurki ditzakegu obra honetan. Mila arrazoi neba-arreba maitatzeko.
Rocio Bonillaren liburua benetan da atsegina, gustura irakur-ikusten dena eta haur txikiekin une atsegina igarotzeko aproposa (altzoan dituzula… edo talde txikitan eskolan); izan ere haurrei egunero gerta dakizkiekeen istorioak dira eta, amaieran, ukitu umoretsua irakurlea irribarrez uzteko.
Umorea, baina, ez da amaierako kontua soilik, batez ere amaieran ageri arren, kontakizunean zehar neba-arreba bakoitzak bestea animalia baten bidez irudikatzen baitu eta honek horrela jokatzen duela kontatu. Narrazioaren erritmoan, gainera, irudietan protagonista hainbat aldiz agertzeak bizitasun handia ematen dio kontakizunari eta horrek, hainbatetan, areagotzen du umore kutsua.
Liburu ederra da Gerardo Markuletak euskaratu duen obra hau, bitxia, entretenigarria, umoretsua eta hunkigarria. Merezi du haurra altzoan hartuta eta ohean dagoela liburua hartu eta berarekin gozatzeak; merezi du taldetxoari irudiak erakutsiz kontatzeak. Eta, zergatik ez, agian zuk ere une atsegina igaroko duzu Rocio Bonillak egiten digun proposamenarekin. | news |
argia-678765f1989d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/nerea-arriola-txantxarik-ez-umorearekin.html | "Umorearen izenean ez dira gauzak banalizatu behar" | Danele Sarriugarte Mochales | 2018-10-21 | "Umorearen izenean ez dira gauzak banalizatu behar"
Sarritan gertatu zaio Nerea Arriolari; azkena, uda honetan bertan: ezezagunak hurbildu zaizkio, zaleak, bera zelakoan Idoia Txoperena, Supertxope, euskal youtuber sonatua. Hura, baina, kanpaina politiko baterako propio pentsaturiko pertsonaia zen [Hiru Damatxo ideia faktoriak egin zuen kanpaina, Sortu alderdiarentzat]. Arriola, berriz, Supertxope gorpuztu zuen aktorea dugu. Eta erizaina. Eta bakarrizketa-egilea. Eta…
Azken bi urteotan zer gertatu da: jolasean hasi eta azkenean jolasa seriotan hartu behar?
Bai, hori da. Bizitza guztian ibili naiz antzerkian, zortzi urtetatik. Baina duela bi urte erabaki nuen zerbait gehiago egin nahi nuela, erronka jo nahi niola nire buruari, zeren oso eroso nengoen ikastolako antzerki eskolan, eta izena eman nuen TAEn [Donostiako Arte Eszenikoen Tailerra]. Urrian hasi zen kurtsoa, eta azaroan deitu zidaten Supertxope egiteko.
Supertxope k bizitza aldatu dizula esatea gehiegi esatea da?
Bai [barreak]. Ez, aldatu dit. Aldatu dit bizitza zeren bat-batean inondik ere aurreikusi ez nuen egoeran nengoen, mundu guztiak nahi zuen nitaz jakin… Egia esan garai horretan halako bizitza bikoitz bat neukan.
Jendeak zer pentsatzen zuen, Supertxope zinela benetan?
Bai, pertsonaia egiazkoa zela. Berez, oso laudorio ona da, zeren horrek esan nahi du gauzak ondo egin zirela, sinesgarria zela, eta mezuak oso positiboak izan dira….
Baina?
Supertxope rekin pasa nuen estresik handiena izan zen espektatibak sortu zirela, jendeak sinetsi egin zuela eta pentsatu zutela hori zela nire umorea, erreferentziaz betea, eta nik beste estilo bat daukat.
Antzezten bai, baina umorea egiten ikusi zaitut batez ere. Hortik kanpokoak ere egin nahi zenituzke?
Dena egitea gustatuko litzaidake. Drama ere oso polita da, beste matiz batzuk dauzka, beste erritmo bat dauka eta oso interesgarria da. Umorea beste zerbait da.
Bereziki eroso sentitzen zara umorean?
Erosoago sentitzen naiz draman. Bai, zeren gehiago identifikatzen naiz pertsonaiekin, sentimendu unibertsalagoak dira: denok dakigu zer den tristura, denok dakigu zer diren sentimendu konplexu horiek, eta umorea, berriz, oso pertsonala da, eta gainera nirea doa publiko oso zehatz bati zuzenduta.
Zeini?
Emakumeei.
Jende asko da.
Jendearen erdia.
Eta zergatik haiei?
Ni emakumea naizelako.
Baina emakume guztiak ez dira zu bezalakoak izango…
Ez, arrazoia duzu. Baina behingoagatik gu ere protagonista izateko, eta gure perspektiba emateko. Aldi berean, nik ez dut emakume guztien perspektiba ematen, nik nirea ematen dut.
Noiz egin zenuen lehenengo bakarrizketa?
Sardiñerrian [Donostiako Sardiñerak kofradiaren festan]. Duela bi urte. Pixaren iraultza .
Esango nuke badela mugarri bat: pertsonaiak egiteari utzi eta bakarrizketak egiten hasi, zeuretik abiatuta.
Nire burua estutu nuen pixka bat. Inoiz egin gabeko zerbait zen: nigandik abiatuta hitz egin. Sardiñeron bileran aipatu genuen nahi genuela gala bat egin, ea nor zegoen prest aurkezteko, eta esan zidaten ea monologo bat egitera animatuko nintzen. Eta esan nuen: zergatik ez? Argi neukan pixari buruz hitz egin nahi nuela.
Zergatik?
Iruditzen zaidalako oso adibide ona dela esplikatzeko nola kokatzen den gizartea nire ustetan: gizon-emakume bereizketa hori, publiko-pribatu bereizketa hori, eta baita gorputzen menderakuntza hori ere. Iruditzen zait zerbait oso bisuala, denok egin duguna, eta gainera gure jai-gune teorian parekide eta feminista horietan gertatzen zaigun egoera bat delako.
Argazkia: Dani Blanco.
Eta zer moduz joan zen bakarrizketa?
Oso ondo, oso polita izan zen. Oso urduri nengoen, eta beldurtuta ere, zeren lehenengo aldiz ari nintzen nik sortutako zerbait nire izenean esaten. Pertsonaiarekin baduzu babes hori: pertsonaiak esaten du, ez zuk. Azken finean, bakarrizketak ere badira interpretatzeko modu bat, zeren ni egon naiteke hemen modu batean eta bat-batean igo oholtzara eta aldatu nik nahi dudan energiara, baina egia da nire izenean hitz egin nuela. Jendea sentitu zen oso identifikatua. Ondo pasa zuten, barre egiten zuten, eta hori da berez helburua, nahiz eta ikasten ari naizen ez dela helburu nagusia. Gainera, balio izan zuen debate bat planteatzeko. Batek esan zidan: "ni ibili naiz borrokan komun gehiago jartzeko, eta orain argumentuak eman dizkidazu". Umorearen bitartez, errazago sartzen dira gauzak.
Zer kritikatu zenuen zehazki?
Alde batetik, kopurua. Aurten gauzak aldatu dira, baina garai hartan gizonek zeuzkaten emakumeek halako lau toki pixa egiteko. Eta, gero, batez ere, publiko eta pribatuaren arteko banaketa kritikatu nuen. Kalean pixa egiteko ere –badakit ez dela egokia–, baina kalean egiteko ere, guk, emakume bezala, nola ezin dugun gure gorputza erakutsi edo probokazioa delako edo esan digutelako kontuz ibili behar dugula minik ez hartzeko, bada are eta moztuago gaude. Ez da bakarrik kopuru kontua, baizik eta menderakuntza kontua.
Azken boladan ikusmin handia piztu du bakarrizketa batek: Hannah Gadsbyren Nanette . Ikusi duzu, ezta? Zer iruditu zaizu?
Zoragarria.
Zer gustatu zaizu?
Dena. Bera. Bere onda. Eta, noski, esaten duena. Bakarrizketaren hasieran esaten du umorea utziko duela, eta horrek pentsarazten dizkizu gauza asko. Nik ez dut uste umorea utzi behar denik, baina umorearen izenean ez dira banalizatu behar gauzak, umorea erabil daiteke kritika oso gogorra egiteko. Eta Gadsbyk hori egiten du. Egurra banatzen du, baina asko ikasten da, oso ona da. Txundituta geratu naiz. Hamar bat aldiz ikusi dut.
Lodia eta lesbiana den aldetik, Gadsbyk dio bere buruaz barre egin izan duela ondoren hitz egin ahal izateko.
Ikusi nuenetik, askotan pentsatu dut ea zer egiten dudan nik, batez ere nire gorputzaren inguruko monologoetan. Nanette ikusi ondoren, nire gorputzari buruzko monologoaren amaiera aldatu dut. Aldatzen ari naiz. Azkenean, umoreak ere badu bere hegemonia, eta gutxi dira umore kritikoa egiten dutenak. Baina izan daiteke despistatzeko estrategia bat: hasten naiz barre egiten nire buruaz, eta gero, zapla. Onartzen dizuet nirekin barre egitea, baina ez dezagun ahaztu zein den errealitatea. Agian, barrearen atzean, nik trauma bat daukat.
Umoreak ez luke izan behar publikoa lasaitzeko modu bat baizik eta publikoa deseroso sentiarazteko modu bat?
Batzuetan, barre egiten dugunean, badirudi errealitatea ahazten zaigula, sortzen da halako mundu utopiko bat, dena dago ondo, denak maila berean ari gara hitz egiten, baina ez da hala. Nik hau uzten dudanean bueltatzen naiz nire bizitzara eta ez dut konpondu nire arazoa. Horregatik iruditu zitzaidan hain inspiratzailea Hannah Gadsby hau. Beharbada jendeak deseroso sentitu behar du batzuetan, ni deseroso sentitzen naizen bezala. Horrela ulertuko dute, eta enpatizatuko dute guk sentitzen dugunarekin, izan emakume, bollera, lodi… Gadsbyk dioen moduan, hori ez da neutroa. Bere monologoak balio izan dit nire buruaz gehiago hausnartzeko eta galdetzeko: zer kontatu nahi dut nik benetan? Zertarako egiten dut, jendeak barre egiteko, edo benetako kritika egin nahi dut? Zein da nire helburua? Ikuspegi horretatik birplanteatu ditut bakarrizketak. Agian gauza bera esaten jarraituko dut oraingoz, baina intentzioa beste bat da.
Jada ez da barre eginaraztea?
Bai, hori ere bai, zeren barrearen bidez jendearekin konektatzen duzu, eta niri gustatuko zitzaidakeen loditasunari buruzko monologo bat entzutea gazteagoa nintzenean. Horrela konturatuko nintzen ez nengoela bakarrik, edo nik sentitzen nuen hori ez zela hain arraroa. Eta gai deserosoak dira.
Zergatik? Zalantzan jartzen gaituztelako agian?
Noski. Etengabe. Ni orain kritiko samar jarri naiz loditasunaren kontuarekin eta jendeari gogorarazten diot: kontuz zer esaten duzun. Nire lagun batek, pertsona argal bat, esan zidan deseroso sentiarazi nuela, eta esan nion nire helburua ez zela bera deseroso sentitzea argala izateagatik, baizik eta nire errealitatea ulertaraztea, eta kito. Deseroso sentiarazten bazaitu agian izango da gaur egun erabiltzen ditugun hitzekin erreproduzitzen dugulako egoera hori, izan daiteke loditasuna edo beste errealitate asko. Adibidez, guk, zuri izanda, seguruenik, pertsona beltz edo migratzaile baten bizitza entzuten baldin badugu, deseroso sentituko gara, zeren gu jartzen gaitu kolokan. Baina aldi berean oso positiboa da.
Gaiz beste egingo dugu orain. Lanbidez, erizaina zara. Zergatik aukeratu zenuen?
Oraindik ez dut jakin horri erantzuten. 18 urte eta erabaki bat hartu beharra… Donostian zen karrera, horrelako arrazoiak daude. Orain agian ez nuke aukeratuko, edo agian bai. Egia da asko erakutsi didala erizaintzak. Txikitan beti esaten nuen ez nuela sekula ospitale batean lan egingo, eta orain hortxe ari naiz. Bizitzaren bueltak.
Erizaintzari buruzko bakarrizketa bat egin behar bazenu, zer azpimarratuko zenuke?
[Isilunea]. Oso lan polita da, baina aldi berean oso nekagarria, pertsonekin lan egitea oso nekagarria baita. Gainera, pertsona hauek daude egoera oso sentikor batean, ulertu behar da hori.
Egingo banu erizainentzako monologo bat, umore beltza erabiliko nuke. Oso beltza. Zergatik? Bada behar dugulako barre egin, zeren oso egoera gogorrak bizi ditugu, eta ez daukagu deskargatzeko tarterik. Bestela, ez dakit, mediku eta erizainen arteko harreman hierarkizatu arraro hori aipatuko nuke, non medikua jainkoa baita eta erizaina bere esklaboa [barreak].
Erizaintzak izenean bertan darama zaintza, eta uste dut emakume gehiago ari direla horretan gizonak baino… Hori ere aipatuko zenuke monologoan?
Bai, genero ikuspegia sartzea beti dago ondo. Gainera, gure kasuan, badago lotura estu bat emakumeen eta zaintzaren artean: ez baldin bagara erizain onak, ez gara emakume onak. Denbora guztian esaten didate nire lana bokazioa dela. Bada ez. Nik ikasi dut nire lana. Ez dut esaten ez dudanik ezer jartzen nire aldetik, zeren pertsonekin lan egiten baduzu jarri behar da, baina ordaintzen didatelako egiten dut nik lan. Badago horrelako gauza bat, mojarena bezala… Bada ez. Egia da harreman estuak direla, oso pertsonalak, baina ikasten da. Karreran hasi eta berehala, hauxe esan zidaten: enpatia ikasi egiten da. Landu. Batzuk berez daukate, baina landu daiteke. Emakumeak gara, baina izan gaitezke zaintzaile txarrak, ez da zerbait instintiboa. Nik ikasi dut nire lana egiten, eta urteekin ikasi dut egoerak maneiatzen. Nire bizitzan desastre bat naiz zaintzarekin. Nire ahizpa ni baino zaintzaile hobea da, eta ez du erizaintza ikasi.
Bokazioa den horretara itzuliko gara berriro. Bukatu duzu antzerki-formakuntza. Zer moduz?
Pozik. Oso amaiera ona izan zen, bi orduko obra bat muntatu genuen. Asko-asko ikasi dut, nire buruaz batez ere. Egon zen irakasle bat bereziki apurtu ninduena, eta behar nuen apurtzea. Eta orain zer?
Hori da. Orain zer?
Gazte udaleku feministetan egon nintzen monologo bat egiten, eta horri esker dei batzuk jaso ditut jada. Uste dut hortik tiraka egingo ditudala zenbait gauza. Ez dut nire burua bakarrizketa-egile gisa ikusten, baina zergatik ez? Asko ikasten ari naiz. Gero, gustatuko litzaidake antzerki munduan sartzea, antzerki tradizionalean. Pertsonaia bat, testu bat. Hori ere bada erronka. Ea zer ateratzen den. Bestela, bitartean, ospitalean jarraituko dut. Hori bai dela antzerkia. | news |
argia-59e69dacb5ed | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/mitxoletak-nahi-ditugu-pestizida-guztiak-orain-debekatzeko-aldarria.html | "Mitxoletak nahi ditugu", pestizida guztiak orain debekatzeko aldarria | Pello Zubiria Kamino | 2018-10-21 | "Mitxoletak nahi ditugu", pestizida guztiak orain debekatzeko aldarria
Urriaren 5ean milaka pertsona bildu dira Frantziako Estatuko hirurehun hiri eta herri baino gehiagotako udaletxeen aurrean, "Nous voulons des coquelicots" (Mitxoletak nahi ditugu) deialdiarekin bat egiteko. Bi urte iraungo duen kanpainaren antolatzaileek ez dute huskeria eskatzen: pestizida kimiko guztiak debekatzea eta oraintxe bertan. Bioaniztasunaren hondamendiari eta gizakien pozoiketari behingoz erremedioa jartzea aldarrikatuko dute hileroko lehen ostiraletan.
ARGIAren internetez bidezko irakurleak " Mitxoletak nahi ditugu " lehenbizikoz Martta Irigoien amikuztarrari esker irakurriko zuen, Nicolas Hulot ministro ekologistak Frantziako Gobernutik ihes egin zuela eta irailaren 26an plazaratu zuen kronikaren izenburuan.
Irigoienek aurkeztu zuen Frantzia bi urtez inarrosi nahiko lukeen kanpaina berria, nagusiki Fabrice Nicolino Charlie Hebdo astekariko langile eta ingurumen gaietan idazle ezagunak sustatua: "Hilabetean behin, bakoitza bere eskualdean, pestiziden gaien inguruan ekintza batzuk egin nahi dituzte, jendea biltzeko eta sentsibilizatzeko". Urriko lehen ostiralean, 5ean, milaka herritar bildu ziren 300dik gora herriko etxeren atarietan eta hamar egun geroago 300.000 sinadura eskuratuak zituzten.
Ondo ikasi " Nous voulons des coquelicots ", ez baita oharkabean pasatuko. Hasteko, pestizida guztiak berehala debekatzea eskatzen duen manifestu laburrak merezi du osorik euskaratzea. "Pestizidak dira bizirik den oro suntsitzen duten pozoiak. Euri tantatan daude, goizeko ihintzetan, loreen nektarrean eta erleen hesteetan, haur jaio berrien zilbor-hesteetan, txorien habietan, ama guztien esnetan, sagarretan eta gerezietan.
Pestizidak tragedia bat dira osasunarentzat. Minbiziak eragiten dituzte, Parkinsonak, haurrengan buruko eta mugikortasunari lotutako gaixotasunak, antzutasuna, jaiotzatiko malformazioak. Pestiziden eraginak gutxietsi egiten ditu erotuta dagoen sistema honek, aurrera ihes egitea nahiago baitu. Pestizida bat debekatzen denerako, beste hamarrek hartzen dute haren lekua. Eta milaka daude.
Dagoenekoz ezin dugu gure herrialdea ezagutu. Natura itxuragabetuta daukagu. Txorien herena desagertu da hamabost urtetan, tximeleten erdia hogeitan, erleak eta beste polinizatzaileak milaka hiltzen dira, igelak eta matxinsaltoak suntsitu egin direla dirudi, basa loreak bitxikeria bilakatu dira. Bueltatu guri geure mitxoleta eta nabar-loreak! Itzuli guri munduaren edertasuna!
Ez, ez dugu horrela jarraitu nahi. Ezta ezeren truke ere. Babesa exijitzen dugu. Gure agintariei exijitzen diegu Frantzian pestizida guztiak debekatzea. Ez bihar. Orain. Aski dugu hitzez: ekintzak nahi ditugu".
Kutsadura kimikoaren presentzia itogarria da, sarri ikusezina izan arren. Charlie Hebdo astekari frantsesaren –tartean dago Fabrice Nicolino manifestuaren sustatzaile nagusia, aldizkariak jasandako atentatu basatian zauritua bera ere– 15 lankideren ileak ikertuta, denetara 140 pestizidaren arrastoak aurkitu zizkieten, pertsona bakoitzari 34 eta 50 artean, nekazaritzan erabilitako botikez gain etxeetan usatzen diren produktuen arrastoak.
Alarma bazter guztietaraino zabalduta dago. Kioskoetan aspaldiko aldizkari salduenetakoa den Marie Claire -en antzeko azterketa bat enkargatu zuten berrikitan, erredakzioko kideen haurretatik seiri egiteko. "Neurtu nahi izan dugu zein eragin duen gure umeengan egunero jasaten duten bainu kimikoak. Eta ondorioek ez dute zalantzarik uzten: haur guztiak daude kutsatuta, sarri oso kezkagarriak diren mailataraino".
Marie Claire -eko enplegatuen haurretako bakoitzak 30etik 62ra molekula kimiko ezberdin zeraman soinean: pestizidak, kontserbatzaileak, kutsagarri plastikoak, parabenak, botikak... Tartean, legez debekatutakoak ere bai. Ez gara ari toxikotasun akutuaz, kronikoaz baizik. Horrelakoetan pozoian kaltegarria ez dela dosia, toxikoaren eraginaren maiztasuna baizik.
Pozoi bat ez, pozoien industria gelditu
Frantziak pestiziden erabileran Europako txapeldunorde fama dauka, aurretik soilik irabazten diola Espainiak. Hexagonoan kutsagai kimikoen eztabaidak badu indarra, baina emaitza zehatzik ikusi barik. Gobernuak 2008an Ecophyto plana jarri zuen abian 2018rako pestizidak %50 murrizteko asmoz eta lortu duena da... %12 ugaritzea!
"Txunditzekoa da – dio Fabrice Nicolinok – biziaren desagertzearen abiadura izugarria. CNRS [Espainiako CSICen parekoa] eta Historia Naturalaren Museo nazionalaren artean egindako ikerketa batek erakutsi du 15 urtean desagertu dela Frantziako hiru txoritik bat. Frantziarako ere balio duen ikerketa aleman batek erakutsi du xomorro hegalarien %80 desagertu dela dagoenekoz. (...) Mundu guztiak daki eta aldi berean inork ez du ezer egiten. Ikusle bezala gaude begira espezie bizi asko eta gizakion osasuna bera mehatxatzen duen katastrofeari. Ez naiz ari bakarrik Birmaniako oihanez edo Galapago uharteetako itsasoaz, Frantzia bera aldatu da 50 urteotan. Erreparatu besterik ez dago tximeletei: gaur oso bakan ikusten diren tximeletok bazter denetan ikusten ziren gazte nintzenean, zelai guztietan".
Berrikitan Frantziak debekatu ditu neonikotinoideak, erleen desagertzearen erantzule nagusietakoak. Baina horrek ez ditu kontsolatzen " Nous voulons des coquelicots " manifestuaren bultzatzaileak: urte mordoa pasatu da debekua bitartean, ezkerreko bezala eskuineko gobernuek Bayer multinazionalari baimendu diote denbora irabaztea bere inbertsioei errentagarritasuna atera arte eta azkenean debekatu dutenean... multinazionalek dozenaka molekula berri dauzkate galaraziaren lekua betetzen.
"Gerra hasi aurretik galduta daukagu baldin eta ez badugu auzitan jartzen sistema bere osotasunean. Edo atakatzen dugu pestiziden sistema edo kondenatzen ditugu gure buruak etengabeko kanpainetara, behin eta berriro galduko ditugunak. Menderatu ezineko sistema da, Estatuaren aparatuan sustraituta dagoena, Nekazaritza Ministerioak eta INRA ikerketa erakundearen zati batek sustatzen duena, nekazarien FNSEA sindikatu nagusiak..."
Sinadura bilketatik harago, coquelicotek bi urtetan bost milioi herritar mobilizatu nahi dituzte, ekintza nagusitzat hartuta hileroko lehen ostiralean herriz herri egingo diren elkarretaratzeak, horien inguruan asmatzen joango diren mobilizazioekin. Eta helburu garbi bat: gobernuak debeka ditzala pestizida kimiko guztiak. Lortuko duten? Kale eginez gero, sustatzaileei geratuko zaie zalaparta galanta antolatu izanaren kontsolamendua. Balekoa suertatuko balitz, izugarria izan liteke jarduera kimiko oso bat legez kanpo uztea Europaren bihotzean ... eta agian Eusko Legebiltzarrean ere aipatuko lukete.
"Gizarteak ez badu bere burua defendatzen erraietaraino sartzen dizkioten pozoien kontra, nekez defendatuko da klimaren zoratzearen edo bio-aniztasunaren desagertzearen kontra. Eta onartu egingo ditu krisi ekologikoaren ondorio guztiak. Horregatik aldarrikatzen dugu jauzi historiko baten beharra". | news |
argia-250eb2c77c42 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/gentiana-proiektua.html | Ingurumenari lotuta Pirinioetan lan eta bizi | Garazi Zabaleta | 2018-10-21 | Ingurumenari lotuta Pirinioetan lan eta bizi
Pirinioetan ohikoa den landare berezia da gentiana , euskaraz gentziana edo errosta. Abiatu zuen proiektuari izen hori jarri zion Silvia Erlanz Roda biologoak: "Ingurumenaren kudeaketan eta heziketan jarduteari ekin nion". Azken aldian ingurumenaren kudeaketan zentratu da batez ere Erlanzen lana. Pirinioetako espezieen jarraipenak, flora eta faunaren inbentarioak edota mendi-bideen inguruko lanketak egiten dituzte Gentianan, besteak beste. "Aquila LIFE proiektu europarra ere badaukagu esku artean, Bonelli arranoaren kontserbazio proiektua da". Azken urteetan Erronkariko hartz arrearen inguruan ere egin dute lan, artaldeak erasotzen dituen inguruetan zaintza lanak eginez.
Gentiana proiektua 2013 inguruan sortu zuen eta Erlanz da enpresako kide bakarra. Azken aldian, ordea, Janet Torrea eta Itziar Almarcegui biologoekin elkarlanean dabil. Aberasgarria dela dio.
Ingurumen heziketa eta ezti ekoizpena
Gaur egun kudeaketari lotutako lanak gehiago izan arren, ingurumen heziketaren alorra ez du alde batera utzi nahi izan Gentianak. Inguruko faunaren eta floraren interpretazio tailerrak antolatzen dituzte, esaterako, eta baita landareen ingurukoak ere. "Sendabelarrei buruzko tailerrak egiten ditugu haien erabilera ikasteko, hegaztien eta gainerako animalien behaketak antolatzen ditugu…". Egun martxan dute Salazar ibaiaren eta almadien inguruko tailerra. Herritarrengandik erantzun oso ona jasotzen dutela dio.
Eztia ekoizten ere badabil Erlanz: "Ez da ekoizpen oso handia, baina eztia, propoleoa eta xaboi eta ezpainetako baltsamoak egiten ditut", dio. Eskaera egon badagoela eta, aurrera begira produktuok lantzeko gunea martxan jartzea du buruan. Proiektu txiki ezberdinek osatzen dute Gentiana, baina badute guztiek zerbait amankomunean: Pirinioetan kokatzea, eta ingurumenarekin lotura izatea. Proiektua martxan jartzean Erlanzek bilatzen zuena, hain zuzen. | news |
argia-825b1e88f3a4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/zozogailuak.html | Zozogailuak | Edu Zelaieta Anta | 2018-10-21 | Zozogailuak
Dendak itxi aurretik mandatua egitea izan da hirian bakarrik ibiltzeko aitzakia. Erraz onartu diote etxean, mandatua egitetik bueltan, tabernaren batean gelditzea besapean daraman Julio Ramón Rybeiroren liburuari tarte bat eskaintzeko. Euri pixka bat ari badu ere, kontent doa E. bere bakardadetxo bilatuan.
Egin beharreko erosketa eginda, momentuaren pribilegioaz jakitun, ongi aukeratu nahi du pausa-lekua. Duela zenbait urte sartu gabeko ostatuan sartu da, lasaia eta argitsua delakoan. Barrara hurbildu orduko solasean hasi da bistaz ezagutzen duen jabearekin. Hogeita lau urte joan dira negozioa irekirik, eta, nahiz tabernak lehengo itxura orokorrari eusten dion, hiru aldaketa egin omen dituzte azken urteotan: paretako kolorea aldatu (hori argitik berde argira), billarrean egiteko atzealdeko lekua itxi (norbaitek jokatu nahi badu, aski du eskatzea) eta pantailak jarri (telebista bakarra lehen; lau pantaila orain).
Agudo egin du E.-k aldaketen gaineko ebaluazio mentala: kolorearena izan da gehien gustatu zaion erabakia; billarraren txokoak aspaldixko itxia dirudi; eta lau zozogailuak Rayo Vallecano–Leganés ematen ari dira. | news |
argia-d1114b8b341d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/harmailetako-animoek-ez-dute-oihartzunik-bulegoetan.html | Harmailetako animoek ez dute oihartzunik bulegoetan | Jon Torner Zabala | 2018-10-21 | Harmailetako animoek ez dute oihartzunik bulegoetan
15.132 ikusle bildu ziren urriaren 12an Gasteizko Mendizorrotza futbol estadioan, Euskal selekzioak duela bi urte San Mamesen jokatutako partidan bezainbeste. Orduko hartan baino giro askoz ere hobea zegoen halere harmailetan, nabarmen biziago zeuden animoak. Txaloak beraz zaleentzat, duela bi urte hilzorian ikusten genuen proiektuarekiko ilusioa pizteagatik.
Venezuelaren aurkakoa FIFA datetan jokatu da, eta horrek ere lagundu du, oihartzun handiagoa lortzeaz gain, bide ematen duelako aurkari indartsuagoen aurka jokatzeko eta erakusteko Euskal selekzioa gai dela eurei irabazteko.
Izan da, dena den, nabarmendu dutenak zale batzuen "jarrera gaitzesgarria", tartean hainbat hedabidek, baita Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak ere, txio pare batean: "Harmailak ia beteta. Lastima batzuek erakusten duten errespetu falta. Lan asko egin beharko da nazioartean onar gaitzaten eta jokabide batzuek ez dute laguntzen. Eskerrak jokalariei [1] . Ez dut gogoko Euskal Selekzioa aldarrikatzeko Espainiako banderak erretzea, arerio politikoa iraintzea, gure ikurrak ez errespetatzea, Ajuria Eneara petardoak botatzea eta kirolarekin zerikusirik ez duten kontuak kirol aldarriekin nahastea [2] ".
Ez, mesedez, ez dut gehiago entzun nahi politika eta kirola ez direla nahasi behar. Ez dugu berriro azalduko lelo horrek ezkutatzen duen mezu/borondate engainagarria. Horren ordez, administrazioak azaldu beharko luke zer egin eta egingo duen euskal selekzioa ofiziala izan dadin. Agian sukalde-lan gogor eta zikinetan dabiltza murgilduta (FIFA datetan jokatzea ahalbidetu izanak demostratuko lukeena neurri batean), baina ematen duen itxura da ez dela nahikoa egiten.
Jon Redondok, Jaurlaritzako Kirol zuzendariak, urte hasieran Diario Vascok plazaratutako elkarrizketan zioen Gabonetako partidek ez dutela zentzurik, eta administrazioak ez duela horretara bueltatzeko asmorik. Bost nazioen balizko txapelketaz mintzo zen, eta adierazi zuen nazioartearen aitortza lortzeko "herrialde serioa garela eta talde indartsua dugula" erakustea ezinbestekoa dela, eta Euskal Federazioari dagokiola nazioartekoari eskatzea barnean hartzeko.
Ez da bide samurra, ertz ugari baititu auziak, Mendizorrotzara joan ziren Nafarroako zaleek Arabara sartzean ikusi zuten "Euskadi" ongietorri kartelak azaleratzen duen moduan, baina, partida irabazteko ez da nahikoa jokalariek golak sartzearekin. | news |
argia-6c110160375a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/zein-dira-euskal-kulturaren-lehentasunak.html | Zein dira euskal kulturaren lehentasunak? | Gotzon Barandiaran Arteaga | 2018-10-21 | Zein dira euskal kulturaren lehentasunak?
Xabier Gantzaraini irakurri eta entzun diogu oraintsu, Zuloa saiakeraren harira: "Arte frantsesa dago, arte espainola, arte alemana… baina euskal arterik ez dago. Zergatik? Guk ez dugulako estaturik. Eta estaturik ez dugunez, kulturarik ere ez dugu. Zeren gaur ezin baita esan euskal kultura euskaraz pentsatu, sortu eta gauzatutakoa denik euskaldunak aztoratu barik. Euskal kultura frantsesez pentsatu, sortu eta gauzatutakoa ere bada" argudiatuko dizutelako. Estatua ez duenak, ez duelako arterik, ez duelako kulturarik. Guk ez dugu estaturik baina izan ditzakegu estatu ikuspegia Euskal Herri osorako eta Herri ikuspegia herriz herrirako.
Elkartu gaitezen kulturaren ekosistema osatzen dugun Euskal Herri osoko eragileak gure kulturarentzat estrategikoa zer den proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko
Azken hamar urteotan, "Itun-nazionala, estatu ituna, itun-politikoa, akordio soziala, kulturgintzaren autodeterminazioa" bezalako proposamenak errepikatu ditugu topaketa zein idatzizko artikulu andanatan. Egitura noiz lortuko zain egon gabe, izan genezake estatu ikuspegia: elkartu gaitezen kulturaren ekosistema osatzen dugun Euskal Herri osoko eragileak gure kulturarentzat estrategikoa zer den proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko. Saretu gaitezen, batzuetan auzolanean, bestetan elkarlanean, sinergian beti. Har ditzagun premiazko neurriak, alarmek urteak daroatzate-eta, piztuta. Euskararen herria hiru administraziotan zatituta egotea da euskal kultura normalizatzeko dugun oztoporik gaindigaitzetako bat, biziraupenerako ezinbestekoa da Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoako, Nafarroa Garaiko eta EAEko kulturgintza artikulatzea. Hori da estatu ikuspegia izatea, Luhuson egindakoak Oionen eragina duela sinistea. Izan dezagun Herri ikuspegia hasi txikienetik eta hirietara. Abiarazi ditzagun Kulturbilguneak herri guztietan, batu gaitezen herriz herri kulturaren ekosistema osatzen dugun tokian tokiko eragile guztiak. Emaitza oso onak ematen ari diren adibideak ditugu. 2018an "zein dira gaur egun gure kulturgintzak dituen premiak?", galdetzen diot neure buruari. Zaleak sortzea. Ez ezerezetik, dagokeenetik baino. Gure arazoa euskaldunak euren kulturara ekartzea da. Sortzaileak izango diren zaleak behar ditu euskal kulturgintzak, amateurrak eta profesionalak. Antolatzaileak izango diren zaleak: herri ekimenetan edota erakunde publikoetan arituko direnak. Kulturgintzaren industriari emanak biziko diren profesionalak bihurtuko direnak, kultur kazetaritza jorratuko duten zaleak, transmisioa bermatuko dutenak. Bestela ez dugu egundo kultur sistema osasuntsurik izango, bestela prekarietatea gaitz kroniko eta sendaezina bihurtuko zaigu. | news |
argia-d939d2d798f3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/doughnutaren-ekonomia.html | Doughnutaren ekonomia | Aiala Elorrieta Agirre | 2018-10-21 | Doughnutaren ekonomia
Doughnut esanda, Simpson zaleek Homer edo Wiggum polizia ikusiko dituzte erroskillak irensten. Telesail eta film estatubatuarretan oso errepikakorra da donuts a, alferkeria eta sabel borobilduaren irudia.
Kate Raworth ekonomialariak irudi honekin apurtu du ustekabean. Berariaz, ekonomia neoliberalaren irudi klasikoa irauli du: etengabeko Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundea irudikatzen duen goranzko grafikoa borobildu egin du, donuts itxura emanaz. Oxford Unibertsitatean irakasle da Raworth eta bere Donutsaren ekonomia teoriak hautsak harrotu ditu.
Txalogarria iruditzen zait akademiaren mundutik, hain teoria aparta sortu izana helburu xume baina ezinbesteko batekin: nola azaldu fakultateko gazteei XXI. mendean ekonomia nola ikusi eta ikasi behar den? Nola eman zentraltasuna, ohiko teoria ekonomiko klasiko, liberal eta neoliberalek marjinetara zokoratzen dituzten aferei?
Ez dira izan lobby enpresarialek, ez elite ekonomikoaren interesek, ezta aldizkari zientifikoetan argitaratzeko grinak ere teoria hori marraztera bideratu dutenak. Bere kezka pertsonalek eta bizitzako bideek eraman dute horretara: Zanzibarreko emakume ekintzaileekin lanean ibili da urteetan, Nazio Batuen Erakundean aritua da Giza garapena txostenaz arduratzen den lantaldean eta Intermon Oxfam -en ikertzaile izan da. Jendartearen bizitzeko funtsezko beharrek kezkatzen dute, emakumeen, pobretuen eta zapalduen arazoez eta lurraren kolapsoaz arduratzen da. Asko edan du ekonomia feminista, ekologismo, eta bestelako teoria erradikaletatik.
Txalogarria iruditzen zait akademiaren mundutik, hain teoria aparta sortu izana helburu xume baina ezinbesteko batekin: nola azaldu fakultateko gazteei XXI. mendean ekonomia nola ikusi eta ikasi behar den? Nola eman zentraltasuna, ohiko teoria ekonomiko klasiko, liberal eta neoliberalek marjinetara zokoratzen dituzten aferei?
Bi zirkulu zentrukidek osatzen dute Donutsaren ekonomia . Honela, barnealdeko zirkuluak esparru soziala irudikatzen du eta bertan jendarteak bizitzeko funtsezkoenak dituen beharrizanak taldekatzen dira: osasuna, etxebizitza, elikadura, ekitatea, justizia... Bitartean, kanpoaldeko zirkuluak ingurumenaren beharrak jasotzen ditu. Horretarako planetaren bederatzi muga nabarmentzen ditu: aldaketa klimatikoa, lurren erabilpena, bioaniztasunaren galeraeta kutsadura kimikoa, batzuk aipatzearren.
Irudia multidimentsionala izateaz gain, oso dinamikoa ere bada. Izan ere, herrialde jakin baten ekonomiak une jakin batean duen "osasun" egoeraren erradiografia egiten du. Esate baterako, aldaketa klimatikoaren espazioa kolore ilunagoz tindatuta marrazteak muga hori sobera gainditzen ari garela erakusten du. Edota esparru sozialean, berdintasunaren espazioa zenbat eta ilunago tindatuago egoteak, desberdintasun sozial jasanezinak dituen ekonomia irudikatzen dute. Ekonomiaren ongizateari argazkia egitearekin bat, alarmak pizten ditu ekonomia jakin horrek eragiten dituen gehiegikeriak salatuz.
Raworthen teoriak teoria ekonomiko hegemonikoaren zutabeak eraitsi egiten ditu. Amaitu beharra dago BPGaren hazkunde mugagabea helburutzat izatearekin. Usu, teoria ekonomikoak hazkunde jasangarria deitu izan duenak, zerikusi gutxi izan du planetaren mugekin: denboran irauten duen etengabeko hazkundea baizik. Hitz gutxitan, ingurumenaren mugak eta jendartearen beharrak kontuan hartzen dituen ekonomia irudikatu du Kate Raworthek.
Trebakuntza saio bat prestatzen ari nintzela, deskubritu nuen Raworth eta aurkikuntzak erabat sorginduta utzi ninduen: errealitatetik eta errealitatearentzat sortuta dagoen teoria dela esango nuke. Errealitatearen beharretatik abiatuta, ikasleentzat diseinatuta. Kasualitate hutsez topatu nuela pentsatu nuen hasieran, baina berez, inkontzienteki bilatu egin nuen galdera bati erantzun nahian: nola azaldu daiteke ekonomia era tentagarri eta errealago batean? | news |
argia-39f5d797fe8d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/baratxuriak-itsasoa-du-maite.html | Baratxuriak itsasoa du maite | Jakoba Errekondo | 2018-10-21 | Baratxuriak itsasoa du maite
Baratxuriaren sasoia hemen da. Baratxuria ereiteko sasoia. Bere uztarena geroago izango da, eta hura buruan ekin behar lanari. Burua buruan, baratxuriarena zeurean. Baina denok ez dugu baratxuriaren burua helburu. Gero eta maizago ikusten da baratzeetan berdetarako ereindako baratxuria. Baratzeetan eta lorontzietan ere bai. Baratzegintzari ekiteko landare errazenetakoa da baratxuria. Terrazan, balkoian, leiho-koskan ontzi ttiki bat nahikoa da; baratxuri burua oso osorik hartu eta lurpean sartu, doi-doi lurrez estalita. Laster ikusiko duzu buruko ale bakoitzetik sortuko den kimua. Kimu horiek hosto luze-luzeak bihurtuko dira, eta, berde-berde eta guri-guri daudenean, buru osoa lurretik atera, garbi-garbi egin eta zartagira. Etxeko baratxuri berriak.
Udazkenean sartu ordurako ereiten hasi eta udaberrira arte ilbehera oro buru batzuk erein; gero, etorri ahala, txandaka-txandaka jateko. Negua eta udaberria gozatuko digun gutizia da. Hotza eta eguzkia gustatzen zaizkio; hotzak erroarazten du, eta, zenbat eta eguzki gehiago, baratxuri hobea. Sustraiak lehorrean izatea atsegin du: lur harroan edo ildo-bizkarrean eta ontzian badago, azpiko platera kenduta, gehiegizko urak erraz alde egin dezan. Baratxuriak itsasoa ere maite du, eta hango arrainen edota gorbelen hondakinak beretzako ongarri aproposak dira; baita errautsa ere. Lurra harrotuko dute, eta landaretxoak behar dituen elikagaiak eman. Batez ere dasta eta lurrin finak erantsiko dizkioten elikagaiak. Garai batean arrain eta gorbel ongarria ohikoa zen portu inguruetako soro eta baratzeetan. Egun batzuetako kiratsa gorabehera, dasta ederreko uztak jasotzen ziren.
Dendan eskuratu dezakezun ez dakit nondik ekarritako, ez dakit zenbat eskutatik igarotako baratxuri zakar garratzaren aldean, etxean egindakoa, bildu berritan jandakoa ustekabeko agerkundea da, bikaina: fina, konplexua, berde eta fruitu lurrinekoa...
Bueltan datoz ongarri naturalak eta horien artean gorbelekin egindakoak boladan dira, indartsu. Berriz ere entzungo da: "baratxuria baino finagoa" edo "baratxuria baino zindoagoa". | news |
argia-d9fbfdc5f4fb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/nafarroako-euskararen-legea.html | Aldaketarako denbora amaitzen ari da | Garazi Zabaleta | 2018-10-21 | Aldaketarako denbora amaitzen ari da
Nafarroako aldaketaren gobernua legealdiaren azken txanpan sartu den honetan, euskalgintzako hamaika ahots urgentziazko oihua zabaltzen ari dira: denbora amaitzen ari da. Nafarroa eta nafarrak hiru mailatan zatitzen eta sailkatzen dituen Euskararen Lege baztertzailea bertan behera uzteko eta lege berria idazteko azken aukera du gobernu honek. Zonifikazioa gainditzeko "orain da momentua", diote. Urriaren 27an manifestazioa deitu dute Iruñean.
Ilusioa eta aukera. Horixe sentitu zuten milaka nafarrek 2015ean foru hauteskundeen emaitzak ezagutu zituztenean. Ilusioa, hizkuntza eskubideen alorrean eta euskararen normalizaziora bidean pausoak emateko aukera ireki zela ikusi zutelako. Garai ilunetatik zetorren Nafarroa: UPNren agintaldiak iraundako urte luzeetan euskara eta euskaldunak baztertzea nagusi izan zen herrialdean. "Corpus juridikoan, abian jartzen ziren plangintzetan nahiz euskarari eskainitako baliabideetan agerikoa zen gobernuak urtetan hizkuntza zaharrari egindako bazterketa", azaldu du Paul Bilbao Sarria euskararen gizarte erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak.
Aldaketaren gobernuaren garaipenarekin, aldiz, agertoki berria ireki zen Nafarroan, eta ordu arte euskalgintzan zihardutenen lanketa egoera berrira egokitzeko aldatu zen. "Euskalgintzak momentu horretan erabakitzen du gobernu aldaketa hori benetazkoa izanen dela soilik hizkuntza politikan ere aldaketa erreala ematen bada", azaldu dute Kontseiluko kideek. Eta zein da euskarari begira sakoneko aldaketa eman ahal izateko oinarrizko urratsa? Bada, Euskararen Legea –2017 arte gazteleraz Ley del Vascuence famatua– bertan behera utzi eta lege berria idaztea.
Nafarroa eta Lege Zaharra
30 urte baino gehiago daramatzate nafarrek 1986an parlamentuak onartutako Euskararen Legearen ondorioak pairatzen. Lege horretan biltzen den zonifikazioak Nafarroa hiru zatitan banatu eta herritarrak euskararekiko dituzten eskubideen arabera sailkatzen ditu. "Zergatik izan behar ditugu eskubide ezberdinak euskaldun bezala beste alorretako eskubide guztiak denontzat berdinak badira?", galdetzen du Susana Bidarte Andueza Lizarraldeko herritarrak.
Askoren iritziz denboraz oso justu baldin badabiltza ere, Kontseiluan uste dute benetako borondatea baldin badago legea aldatzeko aukera erreala egon badagoela
Herrialde beraren barruan herritarrek eskubide ezberdinak izate hori Nafarroan soilik eta euskararekin soilik gertatzen dela salatzen dute Kontseiluan. Haien arabera, parekidetasuna alor guztietara eraman beharreko gauza da, eta horregatik nafar guztiei eskubide berak aitortzea justiziazko eskakizuna da. Baztango Elurre Iriarte Bañezek, eremu euskalduneko biztanleak, gogoeta interesgarria egiten du zonifikazioaren eta eskubideen inguruan: "Ni eremu euskaldunean bizi naiz, baina eskubidea ez dut nik, nire eremuak baizik. Orduan, ni herritar bezala nire lurralde honetatik mugitzen banaiz, Iruñera edo Tuterara adibidez, eskubideak galtzen ditut. Hori, bada, ez da eskubide bat".
Aurrerapausoak bai, baina "kristalezko sabaia" muga
Azken hiru urteotan gobernuak euskararekiko jarreran aldaketak izan dituela ukaezina da Kontseiluko kideen ustez. "Orain Nafarroako lehendakaria euskaraz entzuten dugu, berriz ere hasi da euskararen bisualizazioa gobernuko elementuetan, laguntzak berreskuratu dira… badago jarrera bat", dio Bilbaok. Marko juridikoan, berriz, emandako aldaketa nagusietakoa da Nafarroako Parlamentuak 2017ko maiatzean 43 herri eremu ez-euskaldunetik eremu mistora pasatzeko hartu zuen erabakia. Eremu mistotik eremu euskaldunera, berriz, herri bakarra pasatu da: Atetz. "Mugimendu horiek guztiak positibotzat hartu genituen, zalantzarik gabe, baina ez dira nahikoak. Azkenean, eremu mistoan euskara ez da ofiziala. Egia da eskubide batzuk aitortzen direla, baina ez Baztango edo Etxarriko bati onartzen zaizkionak", dio Bilbaok.
Batez ere jarreran eta hitzetan egon da aldaketa Kontseiluaren eta elkarrizketatutako herritarren ustez, baina Nafarroan euskaraz bizi ahal izateko ezarri beharreko oinarrietatik oso urrun daude oraindik. "Gobernu berria sartu zenetik hainbat pauso txiki eman dira, baina legea ez bada aldatzen berdin du zer pauso ematen diren, lege horren arabera ez dugulako ezertarako eskubiderik", dio Alizia Iribarren Andueza 'eremu ez-euskaldun' deitzen den horretako tuterarrak. Gainontzeko herritarren aldetik ere antzeko erantzunak jaso ditugu: Lizarraldean, Iruñerrian, Baztanen… eguneroko bizitzan, praktikan, aldaketa handiegirik ez dute nabaritu, ez behintzat gobernuak emandako pausoengatik.
Euskararen 'sabaiaren' ideia darabil Kontseiluko Paul Bilbao Sarriak azken urteetan aurrera egiteko egon den oztopo nagusia azaltzeko: "Gobernuak abian jarri du urteotan euskalgintzarekin partekatua izan den plangintza estrategikoa, baina kontua da plangintza hori martxan jartzerakoan etengabe topatzen garela sabai batekin: legea da sabaia".
Lege berria idazteko Batzordea
Pasa zen otsailean zabaldu zen Euskararen Legea aldatzeko aukera berria Nafarroako Parlamentuan: EH Bilduk 2017ko urrian egindako eskaerari jarraituz, batzorde berezia sortzea erabaki zuen orduan parlamentuak. Zein izan da batzorde horren lana? Bada, euskararen lege berri baten proposamena egitea hiru irizpide oinarritzat hartuta: herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea, zonifikazioa gainditzea eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea.
UPNk eta PPk batzordean ez parte hartzeko erabakia hartu zuten lehen saioa eta gero; PSNk, berriz, jarraitzea erabaki arren hasieratik garbi utzi zuen ez dagoela egungo legea aldatzearen alde. Badirudi, beraz, gobernua osatzen duen laukoteak duela legea aldatzeko giltza.
Hiru zutabetatik abiatuko da urriaren 27ko manifestazioa, Nafarroako euskararen hiru eremuen sinbolo. Hiru zutabeak elkartu eginen dira gero, zonifikazioaren amaiera eta Nafarroa osorako ofizialtasuna irudikatuz
Hilabeteotan euskalgintzako hainbat eragile eta adituk parte hartu ostean, urriaren 3an eman zaio batzordearen ibilbideari amaiera Kontseiluaren ekarpenarekin: herritarrek zonifikazioaren ondorioak nola bizi dituzten jaso dute, eta euskararen lege berrirako proposamena ere aurkeztu dute. Orain, Batzordeak bere proposamena adostu, aurkeztu, eta parlamentuari egokituko litzaioke proposamen hori martxan jartzea edo zer egin erabakitzea. Askoren iritziz denbora aldetik oso justu baldin badabiltza ere, Kontseiluan uste dute benetako borondatea baldin badago legea aldatzeko aukera erreala egon badagoela.
Urriaren 27an, "Behingoz euskara ofiziala Nafarroa osoan" aldarri
Urrian zehar mobilizazioak antolatu ditu Kontseiluak Nafarroan, erabakigarria den une honetan parlamentuari eta gobernuari ausardiaz eta erantzunkizunez joka dezaten eskatzeko. Urriaren 27an manifestazio handia izanen da Iruñean: "Pertsona guztien arteko berdintasuna aldarrikatuko dugu, justizia eta ofizialtasuna", diote Kontseilutik.
Hiru zutabetatik abiatuko da manifestazioa, Nafarroako euskararen hiru eremuen sinbolo. Hiru zutabeak elkartu eginen dira gero, zonifikazioaren amaiera eta Nafarroa osorako ofizialtasuna irudikatuz. "Ofizialtasuna estatusa da. Gero, jakin badakigu ofizialtasunaren garapenak progresibotasuna beharko duela, malgutasuna. Baina oinarrizko legeak nafar guztiei eskubide berdinak aitortu behar dizkie", dio Bilbaok.
"Beti ari gara gobernuari eta administrazioko agintariei esaten hau edo hura egin dezaten, baina azkenean herri honetan lorpen handienak herritarrengandik etorri dira", dio Iriartek, Baztango herritarrak. Ildo berean hitz egin du Kontseiluko idazkari nagusiak ere. "Aldaketa etorri da Nafarroara, besteak beste, euskaratik ere aldaketa beharra zegoelako. Alegia, euskaldunok eta euskaltzaleok subjektu izan gara aldaketa horretan, guk ere ahalbidetu dugu. Baina guk aldaketa euskaratik eta euskaraz egin nahi dugu".
Zonifikazioaren aurpegiak
"Gurea zorte kontua da, ez eskubide kontua"
Susana Bidarte Andueza (Lizarraldea). Argazkia: Garazi Zabaleta.
"Zonifikazioa, nire ustez, muga jartze bat da, eskubideen aldetik muga jartze bat, zentzugabekeria hutsa. Zergak berdin ordaindu behar ditugu, eskubide gehienak berdinak ditugu… baina bat-batean, hizkutza eskubideen alorrean dena aldatzen da.
Eguneroko bizitzan, bereziki administrazioan, ez duzu inongo eskubiderik. Eremu mistoan egonda ere, ni joaten naiz eskaeraren bat egitera eta papera euskaraz eskatzen dut, eta hori ere lortzea askotan ezinezkoa da. Zortea baduzu euskaldunen bat topa dezakezu, baina zorte kontua da, ez da eskubide kontua.
Lizarrako Udalean ere Nafarroako aldaketa bera eman da, eta sumatu da herrian euskararen presentzia areagotu dela, bisibilizazioa eman zaio. Baina aldaketa ez doa guk nahiko genukeen abiaduran. Gobernutik jarrera dena da "bai bai bai, egingo dugu", baina legealdia bukatzera doa eta egin egin… Ikusiko dugu, orain dute aukera benetan.
Gobernuari eta parlamentuari eskatuko nieke berdintasuna eremu guztietara eraman dezatela, berdintasunez trata gaitzatela euskaldun ala ez-euskaldun. Nik ez-euskaldunak dituzten eskubide berak izan nahi ditut. Askok inposizioaz hitz egiten dute. Inposizioa nori? Niri bai, niri inposatzen didate gaztelania bulego batera noan aldi oro. Nik ez dut inor behartuko euskaraz egitera, baina utz diezadatela euskaraz egiten askatasun osoz".
"Iruñeko kaleetan milaka lagun biltzen bagara gure ahotsa entzun beharko dute"
Alizia Iribarren Andueza (Tutera). Argazkia: Garazi Zabaleta.
"Zonifikazioa gure lurraldea hiru eremutan banatzen duen zentzurik gabeko zeozer da. Oker ez banago munduan dagoen toki bakarra da Nafarroa horrelako zerbait gertatzen dena. Ez da logikoa, nahiko surrealista da lurralde bateko biztanleak horrela sailkatzea hizkuntzari dagokionez.
Ni zonalde ez-euskaldun deitutako horretan bizi naiz, eta egunerokotasunean denean eragiten dit zonifikazioak. Zonifikazioak dio eremu honetan euskaraz ez dugula eskubiderik, zero eskubide dugula. Beraz, udalak ez du euskararen eskaintzarik egiten, eta gainera, guk ez daukagu eskatzeko eskubiderik ere.
Berdin du zenbat dekretu egin, zenbat aldaketatxo, zonalde batetik bestera herriak pasatzea… berdin du ez bada benetan lege hori bertan behera uzten edo aldatzen. Zonifikazioa desagerraraztea izango litzateke benetako aldaketa, hori egiten ez den bitartean gainontzekoa hankamotz gelditzen da.
Guk jarri ditugu toki horretan politikariak, printzipioz guretzat egin behar lukete lan, eta Iruñeko kaleetan urriaren 27an milaka lagun biltzen bagara, gure ahotsa entzun beharko dute.
"Eremu euskaldunean bizi naiz, eta bizitza guztian izan dut mediku erdalduna"
Elurre Iriarte Bañez (Baztan). Argazkia: Garazi Zabaleta.
"30 urtez iraun duen eta oraindik hor dirauen akatsa da zonifikazioa. Akatsa izan zen bere garaian lege hori sortu izana, baina ez aldatu izana ere akatsa da. Aukera izan zen lehenbiziko momentutik hartu behar zen kontu hau esku artean, nire ustez.
Eremu euskaldunean bizi naiz, baina Euskararen Legeak ez du kontratuen gainetik egiten. Mediku bati kontratu berri bat egiten diotenean, esaterako, ez zaio euskarazko profilik eskatzen. Nik bizitza osoan izan dut mediku erdalduna, eta hura jubilatu zenean etorri zen medikua kasualitatez zen euskalduna. Beraz, administrazioan euskaraz bizi baldin bazara kasualitatez da.
Errepideetako errotulazioak asko erdaraz daude, eta beraz, gure paisaia linguistikoa erdalduna da hein handi batean. Hezkuntzari begira ere, adibidez, semea Gipuzkoara joan behar izan da ikastera hemen euskaraz ez zeukalako eskaintzarik. Behin batxilergoa bukatuta Nafarroan arras eskaintza gutxi dago euskaraz, erkidegora joan behar duzu euskaraz ikasi nahi baduzu.
Lehendakaria euskalduna izatea ez da gutxi, orain arte Nafarroan izan ditugunekin alderatuta. Baina egia da gobernuaren aldetik ausardia falta sumatu dudala. Ausardia behar duzu izan sinesten duzun horretan aitzinera egiteko. Hori da kontua, ea benetan sinesten ote duten edo ez".
"30 urte baino gehiago dira legea egin zenetik eta orain askoz jende gehiagok bizi nahi du euskaraz"
Aurkene Isasi Salaberria (Sarriguren). Argazkia: Garazi Zabaleta.
"Zonifikazioaren ondorioz Iruñerrian etengabeko borrokan bizi behar dugu hainbat egoeratan: Osasunbidean, hezkuntzan… Sarrigurenen, adibidez, urteetan borrokatu behar izan dugu D ereduko eskola lortzeko, eta lehenago haur eskolan ere nik ezin izan nuen alaba euskaraz matrikulatu aukerarik ez zegoelako. Urtetan etengabeko borroka izan da hezkuntzaren ikuspegitik.
Medikuarenera joatea ez da egoera erosoa izaten askotan, eta mediku edo pediatra euskaldun bat ere ez izatea oso bortitza egiten zait. Alabarekin medikura joan, bera etxean euskaraz bizita, eta medikuarenean erdaraz egin behar izatea...
30 urte baino gehiago dira lege hau egin zenetik eta asko aldatu da egoera ordutik: askoz ere haur gehiago ari dira D ereduan ikasten eta askoz jende gehiagok bizi nahi du euskaraz. Beti egongo dira kontrako jarrerak, baina ziur lehen jarri ditudan adibideetan gaur egun euskararena inposizioa dela dioten horiek ez dutela arazorik izan. Beraiek eskubide horiek bermatuak izan dituzte beti eta gu izan gara gutxietsiak. Beraz, bada garaia euskaraz bizi nahia betetzeko. Horrek ez du esan nahi besteek beraiena egiten jarraitzeko aukerarik izango ez dutenik". | news |
argia-691269138288 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/jin-ustia-parti.html | Jin-ustia-parti | Bea Salaberri | 2018-10-21 | Jin-ustia-parti
Amaia buru-belarri ari da Kanboko Marieniako lurren arrazoizko erabilera gauza dadin. Laborantza lurrak eraikigarri bilakatzekotan dira eta begitan harturik dituzte showroom erraldoiak, turistentzako egoitzak eta jostalekuak eraikitzeko. Amaiak nahiago luke herritarrentzat egoitza sozialak egitea eta zenbait lur laborantzarako atxiki. Ordulariaren kontrakoa hasi du bera baino handiagoak eta zekenagoak direnen parean.
Allende Larrunen gora doa goizean goiz, kaskoa mehatxatzen duen egitasmoa gelditzeko asmoz. Naturaren kaltetzea eta turistifikazio hutsaren politika ez ditu onartzen. Mendia muturreko endekatzetik salbatzeko esperantza bipila du.
Baionako merkatuko plazan, diotenez, 180 aparkaleku "berreskuratu" dituzte. Aldiz, ez dakigu nork berreskuratu dituen, segur aski bezeroak jin-erosi-parti aldizkatze bizian ikusi nahi dituzten komertzioek. Nehork ez du galdegin norengandik berreskuratu diren.
Beñat Etxalde elkartean ari da, etxebizitzaren kudeaketa manera berri bati buruz gogoetatzen, jabetza indibiduala eta espekulazioa saihestea du helburu. Arazo zaharrei aterabideak ekarriko dizkielakoan da. Ur ttanta uholdean itoa.
Erretiro goiztiarra harturik, 60 urteak bete orduko Euskal Herrira jin da Maixan. Problemarik ez ukateko garaje pribatua du, aita-amek ondorengoan utzi eraikin gotorraren behealdean. Egia erran, bera, futitzen da. Futitzea bere dretxoa delako. Carrefour eta Ametzondora doa, han autoa nahi bezainbat denboraz utz daiteke, urririk, eta hautu handia da prezio onean. Ez da hemengo produktorik? Nehork ez badu jakiten, nehor ez da kexatuko. Larunbatean itzuliñoa eginen du merkatura, gasna puska erosteko doia, Baionan Kantuz-en hitzorduan Hegoak kantatzeko eta bide batez eusko ahurtara xahutzeko. Horretaz ez du espantu gutxi.
If bakarrik sentitzen da. Euskararen aldeko borrokalari, beregatik pixka bat ez baita asko, zerbait ez baita aski, ezin baitu soportatu frantsesez aritzearen "behar pedagogikoa"-ren argumentua, urrats mikrometrikoz aitzinatzen eta petatxuez pozten ez baitu oraino ikasi. Zer? Lagunek badute besterik gogoan: finantzak dira problema eta euskarak ez du dirurik ematen, kostatzen bai ordea, ardura sobera.
Zentroan bizi denetik Naroak harpidetza du karrikan aparkatzeko. Baina gaur kakaren erdian da, auzoko aparkalekuak moldatu direlako. Lana eta ikastolaren arteko joan jinak autobusez egin litzake baina trambusaren obra amaitezinak amaitzea zain da probatzeko ea zerbitzua inbertsioaren heinekoa den.
Iker eta Mizel laborarien defendatzeaz ez baitira kantitzen, politika egokiaren eta hurbileko kontsumoaren aldeko kanpainetan abiatu dira. Emaitzak euskotan ere onartuko dituzte.
Elix bazkal artetik hirira joan ohi da, barnealdeko herrietan atzeman ezin dituen gauza chic guziak erostera. Azkenaldian ohartu da saltegiek ingelesezko izenak dituztela: Beauty center, Brand of quality goods, Only women. Ingeles hitzik ematen ez duen jende arruntari arraroaren argumentua luzatuz. Bereizteko, bik besterik hautatu dute: Xokola Etxetera (sic) bitxi-exotiko-bertakoa batak eta besteak Amatxi errentagarria. Eskaparateei beha ametsetan egoten da Elix: hortxetako botak ontsa lituzke 220 euro ez balute balio. Kaka zaharra: ekonomiak eginen ditu, ba, gero ere, janarian.
Lagunartean badira gehiago; ez zaizkigu kabitzen. Jendea, garraioa, enpresa eta komertzioak, etxebizitza, turismoa, lurra, ekologia, euskara. Sail guziak gurutzatzen dira. Gure koadrila antolaketa egokiaren behar larrian da. Zoritxarrez, ez da oraino hori guzia koherente bihurtuko duenik agertu. | news |
argia-7815fce0a659 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/begona-zubero.html | Munduaren argazki bat | Xabier Gantzarain | 2018-10-21 | Munduaren argazki bat
Bilboko Vanguardia galerian dauka orain erakusketa, Po bailarako jendea , Po ibaiaren hegietan ateratako argazki seriea, Michelangelo Antonioni zinegileari egindako keinua, 1943an grabatu zuen dokumentalaren uberan, leku baten arima harrapatzeko saiakera. Bere webgunean dauzka lanik gehienak ikusgai.
Argazki dokumentalista estatubatuarraren eskolakotzat dauka bere burua artistak, logikoa ere bada, New Yorken osatu baitzituen Madrilen hasitako ikasketak. Walker Evans aipatu izan dute bere lanari buruz hitz egiteko, baina ez da beharrezkoa.
Nortasun handiko estilo berezia du Begoña Zubero Apodakak (Bilbo, 1962ko irailaren 17a). Lekuak harrapatzen ditu argazkietan, gehienetan ez da jenderik ageri, paisaia bera mintzo da hango jendeez.
Batzuetan beharrezkoa izaten da gauza ebidenteak gogora ekartzea: "Argazkiak buruarekin egiten dira, ez hatzarekin", esan zuen artistak elkarrizketa batean, "eta argazkiaren unea bera bezain inportanteak dira aurretiko lana zein ostekoa". Buruan ideia batekin abiatzen da artista leku batera, baina, berak esatera, ideia hori zeharo aldatu daiteke behin lekuan bertan zaudela, hura barneratzen duzunean, bere xehetasun eta ñabardurak ezagutzen dituzunean. Argazki bat egitera joan eta beste batzuekin itzultzen zara etxera akaso.
Lan ugari egindako artista da Begoña Zubero. Bere serierik ezagunena beharbada Existenz izango da, XX. mendeko erregimen totalitarioen arkitektura aztertzeko saiakera, Erroman, Moskun, Berlinen, Varsovian eta Erevanen egindako argazkiak biltzen dituena, tartean Berlineko Tempelfoh aireportuarenak.
Armeniako egonaldian begia eta kamera beste leku batzuetara ere joan zitzaion ordea, eta han osatu zuen Cas & Gas serie hau, kasinoak eta gasolindegiak biltzen dituena, Armenia berriaren erakusgarri. | news |
argia-959a4e55b6f5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/ruben-collio-aktibista-maputxea.html | "Macarena lurraren defentsan borroka egiteagatik hil duten lehenengo emakume maputxea da" | Amaia Lekunberri | 2018-10-21 | "Macarena lurraren defentsan borroka egiteagatik hil duten lehenengo emakume maputxea da"
Ruben Collio maputxeak (Santiago, Txile, 1976) itsasoa zeharkatu du Macarena Valdés ekintzailearen hilketaz jakinarazi eta nazioartean babesa lortzeko, salatzen duenez Txileko Estatuaren baitan maputxeentzat justiziarik ez baitago. 32 urte zituela hil zuten Valdés Tranguileko bere etxean, beraien bizilekuan zentral elektrikoa eraiki duen RP Global enpresa transnazional austriarraren auto batetik mehatxatuak izan eta egun batera. Macarenaren bikotekidea zen Ruben Collio, eta justizia bila dihardu.
Macarenaren hilketa ez da maputxe herriaren kontrako lehen erasoa. Aspalditik datorren gatazka da. Zertan datza?
Txileko Estatuak Herri Maputxearekin duen gatazka da, ez maputxeona. Gatazka ekonomikoa da, behin independentzia lortuta Txileko Estatuari sortzen zaion anbiziotik datorrena. 140 urte dituen gatazka da.
Araukaniako okupazioan, jaioberria zen Txileko Estatuak beretzat hartu zuen maputxe herriaren Biobio eskualdeko hegoaldearen aberastasun handia, lurrak inbadituz. Sinatua zuen Tapihueko ituna haustea erabaki zuen, zeinetan Txileko Estatuak Nazio Maputxea nazio libre eta burujabe gisa onartzen duen, eta senidetutako nazio bezala haztea proposatu. Herri Maputxeak abantaila gehiegi zituela eta lur emankorregian bizi zela ondorioztatuta, lurrok okupatzea erabaki zuten. Helburu horrekin intentsitate baxuko guda bati hasiera eman zioten. Inbaditu eta hiltzen gaituzte. Gaur egunean, gudak hortxe dirau.
Pinocheten diktaduraren ostean, baliabide naturalen erauzketa masiboan ardaztu da Txileko ekonomia, eta horretan jarduten duten enpresek estatuaren babesa dute. Egoera hori izanik, enpresok parean jartzen zaien edozeinen aurrean indarrez egiten dute aurrera.
Macarena bakarrik ez, jende andana hil dute testuinguru berberean. Gertatzen dena zera da, Macarena lurraren defentsan borroka egiteagatik hil duten lehenengo emakume maputxea dela. Gizonezkoak kriminalizatu eta hil badituzte ere, ohartu dira herri maputxearen indarra emakumeengan dagoela, orain artean horregatik eutsi diotela gatazkari maputxeek. Hala bada, estrategia aldatu dute. Zoritxarrez, estrategia aldaketa hori gurekin egin dute, eta nire bikotekidea hil.
"Ohartu dira herri maputxearen indarra beronen emakumeetan dagoela, orain artean horregatik eutsi diotela gatazkari maputxeek"
RP Global enpresako auto bat mehatxu egitera joan zitzaizuen eta biharamunean, 2016ko abuztuaren 22an, Macarena etxeko sabaitik urkatuta, hilda agertu zen. Suizidiotzat jo zuten heriotza, baina Macarena ezagutzen zenutenoi zaila zitzaizuen bere buruaz beste egin izana sinestea.
Begira, La Negrak –berak hala deitzen dio Macarenari– energia ikaragarria zeukan. Hainbesteko energia daukan pertsona batek bere buruaz beste egin dezakeela pentsatzea zaila da. Hil zuten egunean osasun zentrora doan autobusa hartzekoa zen. Aurretik, haurra bainatu, arropaz eta pixoihalez aldatu eta bazkaria egin zuen. Bere buruaz beste egitea pentsatzen ari den zein pertsonak egiten dio bazkaria bere familiari. Etxera heldu nintzenean janaria eta bere poltsa, semearen mediku txartelarekin batera, mahai gainean ziren. Hil nahi duen pertsona batek ez du etorkizunera begirako planik egiten. Bera emakume zoriontsua zen, ez zuen bere buruaz beste egiteko asmorik.
(Argazkia: Agencia de Noticias RedAcción)
Macarena hilda agertu eta biharamunean, enpresako langileak zentral hidroelektrikoaren kableatua instalatu asmoz azaldu ziren.
Abuztuaren 23an kableak jartzen ari zirela esanez deitu zidaten, eta segidan dei egin nuen nik herrizaintzara, kableak jarriko ez zituztela esanez. Konpromiso politikoa hartua zeukatela adierazi nien, enpresa legez kanpoko jardunean ari zela frogatu eta salaketa jarria geneukalako. Herrizaintzatik ezin zutela ezer egin erantzun zidaten, eta nik hurrengoa adierazi nien: "Bart nire bikotekidea hil zuten eta gaur kableatuaren kontra dagoen maputxe asko ari dira gerturatzen. Hemen zerbait larriagoa gerta daiteke. Erretiratzeko eskatu edo hildako gehiago izan dezakegu". Herrizaintzak, arazoaren muntaz jabetuta, karabineroei dei egin zien alde egiteko eskatuz, eta poliziak eta teknikariak kableatua egin barik joan ziren. Baina irailaren 9an nire kontrako prozesu bat hasi zuten, kamioi bati su emango niola mehatxu egin nuela aitzakia gisa erabiliz. Horretaz baliatu ziren urrian Poliziaren indar bereziekin –Polizia paramilitarra– kable instalazioa indarrez egiteko.
Gertakariok Macarenaren heriotzarekin lotura zutenaren susmoa indarra hartuz joan zen, eta gorpua hobitik ateratzea erabaki zenuten, baldintza egokietan heriotza zerk eragin zuen aztertzeko.
2016ko urrian, guztia elkarloturik dagoela ulertuta, Macarenaren heriotzagatik kereila kriminala jarri genuen. Kereilak bi urteko epea zeukan ikertua izateko, baina 2017ko martxoan ikerketa itxi egingo zutela esanez dei egin ziguten. Egun horretan manifestaziora deitu genuen jendeak lagunduta auzitegira joateko, eta ikerketa zabalik mantentzea lortu genuen, baldintza batekin: gorpua hobitik ateratzeko perituak geuk ordaintzea. Dirua biltzeari ekin genion, eta bost hilabeteren buruan peritu bat ordaintzeko beste geneukan. 2017ko abuztuaren 9an, perituaren informea aurkeztera gindoazela, berriz aurkitu genuen ikerketa itxita. Bi urteko epea zeukan ikerketa bi aldiz itxi zuten urtebete igaro aurretik.
"Azterketak Macarena urkatu zutenerako hilda zegoela frogatzen zuen"
Fiskaltza erregionalera jo genuen orduan. Lehenengo autopsia ofiziala gaizki egin zela frogatzen zuen perituaren informea hain zen sendoa, ezen ikerketa zabaldu behar izan zuten berriz. Irailaren 25ean ezarri zen gorpua hilobitik ateratzeko data, eta eragozpenekin bada ere hala egin zen. Urriaren 30ean lortu zen autopsia egitea, eta laginaren ale bi gorde genituen: bata Estatuko auzitegi-medikuek aztertzeko, eta bestea laborategi pribatu batera eramateko. Laborategi pribatuan egindako azterketaren emaitza 2018ko urtarrilean jaso genuen, eta horrek Macarena urkatu zutenerako hilda zegoela frogatu zuen. Zintzilikatu egin zuten, hildako bat ezin baita bere kabuz zintzilikatu. Beraz norbaitek jarri zuen hor, norbait han zen hil zenean. Hilketa izan zen.
"Ez dute nahi beraien eskutan dagoen autopsiaren lagina laborategira eraman"
Orduan ikerketa aldatzea eskatu genuen, suizidioa baino hilketa kalifikatu bat iker zezaten. Kalifikatua, ez delako hilketa sinplea, lehenengo hil egin baitzuten eta ondoren hilketa estaltzen saiatu, auzitegi-medikuari dirua eskainiz lehen autopsia faltsua sinatzeko. Fiskaltzak ikerketaren norabidea ezin zuela aldatu erantzun zigun, horretarako froga nahikorik ez zegoela argudiatuz, nahiz eta guk urtarrilean adituaren txostena aurkeztu. Hori gutxi balitz, auzitegi-medikuek aztertu beharreko bigarren autopsiako lagina laborategira bidali aurretik, gure perituaren prozeduraren gaineko analisi kritiko bat egiteko eskatu zion mediku bati, gure peritua zalantzan jarriz. Ez dute nahi beraien eskutan dagoen autopsiaren lagina laborategira eraman, jakin badakitelako guk jasotako emaitza berbera jasoko dutela, lagina laborategira eramanez gero Macarena hil egin zutela onartu eta gertakaria ikertu beharko dutela. Hilketa ezkutatzen saiatu zirenak agerian geratuko liratekeelako. Lehen autopsia egin zuen medikua kasu, zeinak aurretik ere sinatu zituen beste bi autopsia faltsu, hilketa zena suizidiotzat joz.
Epaiketa zabalik dago momentu honetan, baina irregulartasun guzti hauekin. Horregatik erabaki dugu nazioarteko babesaren bila ateratzea.
Pinocheten diktadurak iraun bitartean maputxe ugarik lurraldetik alde egin zuen, baita izenez aldatu ere, bortxaren eta baztertuak izaten jarraitzearen beldur. Macarena eta zu Santiagon bizi zineten, eta hiria utzi eta komunitate maputxera bizitzera joatea erabaki zenuten. Deserrotu zen belaunaldi haren ondorengoa berriz erroak botatzeko bidea hartzen dabil?
Gero eta gazte maputxe gehiagok erabakitzen du lur maputxeetara bueltatzea, maputxe bezala bizitzera itzultzea. Lurrak deitu egiten dizu, saihetsezina den zerbait da, guk ez genuen nahi zementuzko oihanean bizi, hiriak intoxikaturik gintuen. Jendea estresatuta bizi da, estututa, alde batetik bestera korrika, oso haserre. Izatez ez dira bizi, biziraun egiten dute hirian, dirua lortzeko saiakeran. Zeren dena neurtzen da diruaren arabera, eta zenbat eta diru gehiago izan orduan eta erosteko ahalmen handiagoa daukazu, eta zenbat eta gehiago erosi zoriontsuagoa eta arrakastatsuagoa zara. Jendeak urteko 365 egunetatik 350 lanean igarotzen ditu, esklabuak bezala, pareta bati begira, ordenagailuko pantailara iltzaturik, gaizki tratatzen dituen nagusi bat jasaten. Urteko 350 egun horrela lanean, dirua batu eta hamabost egunez zoriontsu izan ahal izateko. Eta hamabost egun horietan gu urteko 365 egunez bizi garen tokira etortzea erabakitzen dute. Hala bada, gu oporretan bizi ginen, horrela ulertzen genuen. Bizi garen tokira jendea arnasa hartzera etortzen da, zoriontsu izatera. Horregatik gure lau semeak, Macarena eta seiok zoriontsu bizi ginen. Baina bizitza zikintzera etorri zitzaizkigun. | news |
argia-e066df70bfb6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/idoia-karrera-eta-nerea-gomez-hezitzaileak.html | "Haurreskolak ezin du izan kontziliaziorako soluzio hutsa" | Mikel Garcia Idiakez | 2018-10-21 | "Haurreskolak ezin du izan kontziliaziorako soluzio hutsa"
Irungo Iraun haurreskola publikoak hamargarren urteurrena ospatu du aurten eta urteotan bertatik pasa diren 200 familiatik gora, 700 bat lagun, hurbildu dira festara. Etapa berezia da 0-3 urte bitartekoa eta hezitzaileen eta familien artean sortzen den harremana ere ez da edonolakoa. Eguneroko jardunera itzuli direnean gerturatu gara gu, eta zaintzaz, ziklo honen oinarriez, umeak estimulatzeaz, haurreskolako lanari ematen zaion balioaz… hitz egin dugu Idoia Karrera Etxebeste eta Nerea Gomez Pombar hezitzaileekin.
Lantalde finkoa duzue, abantaila da hori.
Nerea Gomez: Egonkortasuna ematen digu, taldean funtzionatu ahal izateko, ez goaz nor bere kontura. Uneotan bederatzi hezitzaile finko eta hiru ordezko gaude.
Idoia Karrera: Elkarrekin birpentsatzen ditugu egiteko moduak eta zergatiak, eta urtero dugun 100 orduko formakuntza ere horretarako baliatzen dugu. Bi urtez aritu ginen familiekiko harremana eta konfiantza lantzen, espazioaren garrantzia ere jorratu dugu, erabiltzen dugun materiala, zaintzaren esparru ezberdinak…
Hezitzaileez gain, lantaldea jangelako laguntzaile batek eta bi garbitzailek ere osatzen dugu. Saiatzen gara lan hori ikusarazten, familiei adierazten, askotan lan ezkutua delako, gu iristen garenerako dena garbi baitago, baina hori hala izan dadin, guk eraikina utzi dugunean beste batzuk sartu dira lanera.
Haurreskola publikoa zarete. Guztien publifikazioa eta doakotasuna sindikatuen aspaldiko aldarrikapena da, haurra matrikulatzeko aukera denen eskura izan dadin.
Karrera: 18.000 eurotik beherako errenta duten etxeetan haurreskola doakoa izatea planteatu zuen Jaurlaritzak, baina airean dago hori. Batetik, errealitatea da familia batzuek ezin dutela zerbitzu hau ordaindu, eta bestetik, publifikazioa izango litzateke ziklo honen aitortza.
Gomez: Izan ere, 6 urtera arte ez da derrigorrezkoa haurra eskolaratzea, baina 3-6 adinak eskolatzea bermatua duen bitartean, 0-3ren errealitatea beste bat da eta garestiak dira matrikulak.
"Familia bakoitzak du bere motxila, bakoitzaren errealitaea oso ezberdina da eta aintzat hartu behar dugu"
Kontrara, hain juxtu baliabideak dituenak batzuetan aukeratzen du umea adin tarte horretan etxean heztea. Zaintzaren paradigma horretan, nola ulertzen duzue haurreskolaren funtzioa?
Karrera: Haurreskolak ezin du izan kontziliaziorako soluzio hutsa, soluzioak integralagoa behar du, aldaketak gizarte mailan eman behar dira, lan mundutik hasita, bakoitzak aukera izan dezan erabakitzeko nola nahi duen umea hezi hasierako urte horietan. Gainera, haurrak adibidez gaixotu egiten dira, eta familiak haurreskolatik harago "B plana" behar izaten du beti. Badira familiak umeak hona ekartzen dituztenak lanean ari direlako, baina baita ere haurrak etxean heztea erabaki dutenak eta ordu batzuez haurreskolan utzi nahi dituztenak. Haurreskolen funtzioa ez delako asistentziala, hezitzailea baizik, eta familia askok horretan sinesten dute.
Gomez: Umeak adin batetik aurrera beharra du beste ume batzuekin egoteko, eta behar hori asetzeko modu bat izan daiteke haurreskola. Familia batzuek babesa ere aurkitzen dute gugan, komunitate bat, beharbada agobiatuta daudelako… Aldi berean, horrek ez du esan nahi etxean hezteko aukera zilegi ez denik.
Karrera: Abiapuntua da familia bakoitzak bere haurrarentzat onena nahi duela. Eta familia batek pentsatzen badu etxean heztea dela bere umearentzat onena, aurrera. Eta beste familia batek bestelako gogoeta bat egin duelako, edo beste errealitate bat bizi duelako, haurreskolaren hautua egin badu, horretarako aukera izan dezala.
Haurreskolak, beraz, ez dira ulertu behar kontziliatzeko soluzio huts gisa, baina nola bizi du jendeak? Zuek 7:30etik 17:00etara duzue zabalik haurreskola.
Karrera: Zentroaren ordutegia hori da, baina haurra gehienez zortzi orduz egon daiteke bertan, hala dio legeak. Zortzi ordu asko diren? Lehengora noa: epaitu beharrean, pentsatu behar dugu familia guztiek egiten dutela euren haurrentzat onena dela uste dutena, eta zuretzat onena izan daiteke etxean haurrari ezer falta ez dakion zuk lan egitea eta umea haurreskolan uztea, zure lanpostuak ez dizulako kontziliaziorako inongo aukerarik ematen, edo ez duzulako zaintza sarerik inguruan…
Gomez: Edo nahiz eta enplegurik ez izan agian behar duzu ordu batzuez umea haurreskolan utzi eta denbora hartu, ideiak egituratu, gero umea berriz hartzen duzunean kalitatezko denbora eskaintzeko. Familia bakoitzak du bere motxila, bakoitzaren errealitatea oso ezberdina da eta aintzat hartu behar dugu, "hori bai alferra" kritikatzen hasi aurretik. Gurasotasuna ez da kontu samurra.
Zein lehentasun dituzue haurreskolan?
Karrera: Haurrak berezko gaitasuna du gauzak ikasteko, eta gaitasun hori ahalbidetzeko hiru arlotan jartzen dugu indarra: segurtasun afektiboa (seguru sentitu dadila haurra, gurekiko atxikimendua izan dezala…), espazioa (garbia, segurua, goxoa, atsegina, argi naturalarekin, kanpoko espazioarekin harremanean…), eta materiala (haurraren une bakoitzarentzat aproposa, garai batekoa baino soilagoa eta naturalagoa…)
Gomez: Urte askoan joera izan da umeari guztian laguntzea ("ibiltzen hasteko adina du jada, bada hartu eta ibiltzen jarriko dut"), baina egiten uztea da gure oinarria, umea ez bideratzea, beragan sinesten dugulako eta bere erritmoak errespetatzen ditugulako. Gustura eta seguru sentitzen bada, egingo du aurrera. Gure lana da ondoan egotea, eta behaketaren bidez testuingurua egokitzen joatea (material batek ez diola ongi egiten ikusten badugu, beste bat jarriko diogu eskura). Sarri hizkuntza oraindik ez dute garatua eta gertatzen zaienari, sentimenduei, emozioei hitzak jartzen ere laguntzen diegu.
"Garai batean bazirudien umeari estimulu pila bat eman ezean ez zuela lortuko bere garapen optimoa, baina gutxinaka haurraren ongizatea jarri da zentroan"
Egiten uzten diezue. Zenbait haurreskolatan aldiz, estimulazio goiztiarra dago modan.
Karrera: Guk argi dugu aurreratzeagatik edo lehenago egiteagatik haurrak ez duela garapen oparoagoa izango. Testuinguru egokian, prest dagoenean etapa bakoitza gainditzen joango da haurra eta autoestimua ere berak bere kabuz lortuko du, saiakera-akatsa prozesuaren bidez.
Hainbat etxetan ordea, badago nahi bat txiki-txikitatik has dadin haurra edukiak barneratzen eta ikasten.
Karrera: Guk familiei esaten diegu guk zergatik eta nola egiten ditugun gauzak, profesional moduan zein den gure iritzia eta jarduna. Batzuek gure funtzionamenduarekin bat egiten dute eta beste batzuek bestela jokatzen dute, eta guztiekin elkar ulertzen eta moldatzen saiatzen gara, haserretzearekin ez baitugu ezer lortuko. Dena den, esango nuke gainestimulaziorako joerak behera egin duela. Garai batean bazirudien umeari estimulu pila bat eman ezean ez zuela lortuko bere garapen optimoa, eta gutxinaka baretzen ari da pentsamolde hori, haurraren ongizatea jarri da zentroan.
Familia ereduak aldatu dira urteotan?
Gomez: Gurasoek gero eta informazio gehiago dutela ikusten dut nik. Batzuk kasik adituak dira eta gure erabakiak hobeto ulertzen dituzte, edo zalantzan jartzen dituzte erabaki horiek…
Karrera: Guraso bakarrak, banandutakoak, jatorri atzerritarrekoak, sexu berekoak, gurasoez gaindiko egiturak… Aniztasun hori ere nabariagoa da. "Guraso" hitza adibidez desagertu egin da gure oharretatik, "familia" erabiltzen dugu orain, eredu anitzagoak hartzen dituelako bere baitan.
Adin honetan umeek dena xurgatzen dutela esan ohi da, munduaren ikusmoldea ere hasten dira osatzen, eta zuek erreferente inportantea zarete bide horretan.
Gomez: Ikastaroek asko lagundu digute gure jardunaren kontzientzia hartzen.
Karrera: Gure keinu bakoitza pentsatuta dago. Arrazoi batengatik hitz eta jokatzen dugu modu jakin batean. Lehen familia bileretan esaten genuen: "5 neska eta 7 mutil ditugu". Jada ez dugu halakorik egiten, generoa aipatzea hutsala iruditzen zaigu, eta umeekin ere saiatzen gara genero bereizketarik ez egiten.
Berrikuntzarako eta esperimentatzeko aukera ematen duen etapa da zuena.
Gomez: Etengabe egiten dugu: gure jarduna berrikusten eta birplanteatzen dugu, formakuntzari esker eta lantalde gisa.
Karrera: Haurrak oso irekita daude gauza berrietara eta egia da ikuspegi hezitzailetik adin hauei hobeto nola erantzun jorratzen duten lan gero eta gehiago daudela. Orain arte, izan ere, eta gizakiaren garapenean oso etapa inportantea dela aitortzen den arren, ikerketa gutxi egon da 0-3ari buruz.
"Ez gaude doktrina baten menpe. Teorietatik ongi datorkiguna hartzen dugu, aurten funtzionatu didanak hurrengo haur taldearekin agian ez baitit balioko"
Formakuntzako teoria ala ikasgelako praktika, zer gailentzen da egunerokoan?
Karrera: Formakuntzak balio digu adituek zer dioten entzuteko eta gero guk erabakitzeko horretatik zer egiten dugun gure, teoria batzuek balioko digutelako eta beste batzuek ez. Guk aldarrikatzen dugu teoriak bat egin behar duela gurekin, sinetsi egin behar dugula egiten dugun horretan. Egiten duguna egiten dugu horretan sinesten dugulako, ez teoria batek dioelako. Eta denaren oinarrian, jakina, sen ona.
Gomez: Aldarrikatzen dugu ez gaudela doktrina baten menpe. Ez gara Pikler eskola, ez Montessori eskola… baina teoria horietatik ongi datorkiguna hartzen dugu. Haur talde bakoitza oso ezberdina da eta horrek ere eragiten du, aurten talde honekin funtzionatu didanak agian ez baitit balioko datorren ikasturteko taldearekin.
Ratioek ere eragingo dute, alegia hezitzaile bakoitzeko zenbat haur dauden.
Gomez: Haurreskolak Partzuergoak finkatua du hezitzaile bat eta erdi behar direla zortzi umerentzat 0-1 etapan, eta hezitzaile bat eta erdi hamahiru umerentzat 1-2 etapan. Normalean bat eta erdi beharrean, ratioa izan ohi da bi hezitzaile; guk hala dugu eta binaka egiten dugu lan. Umeak oso txikiak dira eta arreta pertsonalizatua behar dute; badago zer hobetu ratioetan.
0-3 etapaz ari gara, baina egiatan 0-2 hartzen du haurreskolak.
Karrera: EAE da Espainiako Estatuan 0-3 zikloa hautsi duen erkidego bakarretakoa. Duela bizpahiru urte kendu ziguten 2-3 urteko gela (hala sentitzen dugu, kendu egin zigutela) eta ikastetxeek hartu zuten euren gain adin hori. Zentzu pedagogikorik ez daukan erabaki politikoa izan da, ziurrenik ikastetxe pribatuak hasi zirelako 2-3 urteko gelak berenganatzen eta joera horri erantzuteko, baina ez da aintzat hartu 0-3 zikloa bere osotasunean.
Gomez: Ikastetxerako saltoa bortitza egiten zaie ume eta familia askori, horrela adierazten digute urtero. Eskola eta patio handi batera egiten dute jauzi, irakasle bakarrarekin, familiek ere ez dituzte ateak hemen bezain irekiak…
Karrera: 0-3 oso etapa espezifikoa da, beste modu batera egiten dugu lan, eta horren isla da irakaskuntzan ez dutela 2 urteko gela nahi izaten, 3 urteko gelan egiten dutena egin nahi dutelako 2 urteko gelan, eta hori ezin da. Guri berriz, zikloa borobiltzeko aukera moztu digute. Inor ez dago erabakiarekin gustura eta iaz familiek sinadurak bildu zituzten, 2 urteko gelak haurreskolan mantentzeko.
"Etapa honen prestigio faltak badu zerikusia zaintzari ematen zaion balioarekin. Guretzat aldiz, zaintza oso kontzeptu polita da. Ba al dago zaintza baino gauza inportanteagorik, norbere buruarena eta elkarren artekoa?"
0-3 adinaren garrantzia aitortua dago. Aitortza bera du zuen lanak?
Gomez: Nik oraindik entzun behar izaten dut, batzuetan: "Zer moduz gaur lanean, zer egin duzu, txalo-txalo eta fardelak aldatu?". Baina gero eta kontzientzia handiagoa duen jendea ere badago. Guk sinesten dugu 0-3 adina funtsezkoa dela eta hor finkatzen diren oinarriek bizitza guztirako eragiten dutela. Eta ondorioz, gure lana inportantea dela.
Karrera: Langile bezala, mobilizatzen garen ziklo bat gara, ziurrenik txiki-txiki sentiarazten gaituztelako eta guk sinesten dugulako beste zerbait merezi dugula. Joan den ikasturteko negoziaketen ondorioz lortu zen, besteak beste, ordezkapenak areagotzea, koordinaziorako ordu gehiago, eta 0-2 adinekoekin lan egiten dugunok ere Hezkuntzako zerrendetan puntuatzea: aitortzaren bidean aurrerapauso handia da hori, orain arte kontuan ere ez baikintuzten hartzen Hezkuntza zerrendetan!
Zuen lantaldean emakumeak zarete denak. Sektore feminizatua izateak zerikusia izan dezake etapa honen prestigio faltarekin?
Karrera: Izan daiteke, eta esango nuke zerikusia duela baita ere zaintzarekin eta zaintzari ematen zaion balioarekin. Guretzat aldiz, zaintza oso kontzeptu polita da, eta garai batean gure buruari "haurtzaindegi" deitzeak konplexua sortzen bazigun ere, orain iruditzen zaigu hitz ederra dela. Guk haurra bere osotasunean zaintzen dugu, dituen behar guztiak aintzat hartuz: oinarrizkoak, afektiboak, garapen arlokoak… Ba al dago zaintza baino gauza inportanteagorik, norbere buruarengandik hasi eta elkarren arteko zaintzaraino? | news |
argia-5b2830964ae6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2617/neoliberalismoak-euskarari-eta-ii.html | Neoliberalismoak euskarari (eta II) | Zigor Etxeburua Urbizu | 2018-10-21 | Neoliberalismoak euskarari (eta II)
Hizkuntza-liberalismoak Euskal Herrian baditu jarraitzaileak. Ideologia horren erakusle duzue orain hiru urte Gipuzkoako udal kozkor batean gertatutakoa. Batzorde batean, galdera euskaraz egiten hasi zen herritarrari jarduna moztu eta gaztelaniaz egitea eskatu zion euskarako zinegotziak, bileran euskaraz ez zekien jendea bazegoela esanaz. Berriki ere, neuri erantzun dit gure hiriko euskarako zinegotziak ezin dudala pretenditu herritarrekin egiten diren udalaren batzarretan itzulpeneko sistemak erabiltzea, "horretarako behar dugu Euskaraldia" (hitzez hitz).
Ezaguna da ere funtzio publikoan euskararen beharra zalantzan jartzen ari direnen leloa. Berriki, batek liburua argitaratu du eta adierazi du: "Ez da behar inolako araurik funtzio publikoko sarbidean. Inolako esku-hartzerik gabe lortu beharko litzateke oreka, gizarteko euskaldunen eta lan publikoetakoen artean". Alderdi berekoak dira honakoak esan dituztenak ere: "Euskaraz bizitzea ez da oinarrizko eskubidea, hautu pertsonal hutsa baizik"; "euskararen inguruko adostasun soziala eta gizarte hausturarik ez izatea aldezten ditugu, euskaldunak gutxiengoa diren arren". Trumpek ez zuen hobeki adieraziko.
Koldo Mitxelenak izena jarri zion botere publikoen jarrera horri: tolerantzia. Liberalismo ekonomikoarekin parekatu zuen eta zehaztu zuen ez-egitean (omisioa) oinarritzen dela, ardurarik ez hartzean. Horren eraginez, hizkuntza batzuk lehenesten dira eta beste batzuk bazterrean uzten dira. Bere azalean pairatu behar izan du ideologia hori Arkaitz Zarragak, isuna jarri baitiote udaltzainari euskaraz egitea aginteari errespeturik ez erakustea dela leporatuta. Okerrena da, Arkaitzen hitza zalantzan jarri duela udalak, korporatibismorik makurrena erakutsiz. Nik sinesten dizut.
Jose Mari Zendoiak adierazi zuen, bere doktore tesian, neoliberalismoa antisoziala dela, askatasunaren izenean herritarrak bultzatzen dituelako haien artean lehiatsuak izatera. Bada utikan kapitalismoaren kume diren ismo horiek guztiak. Euskara bizia zor diegu pasa digutenei, eskuratzeko ahalegina egin dutenei, geure buruei eta datozenei. Horregatik, euskararen alternatibak eraldatzailea behar du izan, hiztun kopuruz txikiak direnak handi egingo dituena, bagarela nor sinesten duen herri gogoan oinarri hartua, naturala eta kontzientziaduna, Euskal Herria euskaratik eta euskaraz egiteko. Bertako kultura eta hizkuntza indartuz eta hedatuz, eta gure egoeran diren gainerako herriekiko samurtasuna adieraziz eta elkartasuna praktikatuz, mundu hobea egingo dugu, mundu anitz eta bidezkoagoa. | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.