id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-41156e266ef6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/irakurleak-galdezka.html | Irakurleak galdezka | Jakoba Errekondo | 2017-01-15 | Irakurleak galdezka
Kaixo Jakoba, zein izan daiteke garairik egokiena intxaurrondoa tokiz aldatzeko? Eta nola?
Ioseba Berezibar (Aretxabaleta)
Kaixo Ioseba. Intxaurrondoak ( Juglans regia ) hostaia galtzen du. Soiltzen diren espezie guztiak bezala udazkenean edo neguan aldatu behar da, abenduan hasi eta otsaila bitartean. Gauza bat bakarra izan kontuan: izotza izateko beldurrik ez dadila izan egun horietan. Landatzeko zuloan lurra harrotu egiten da eta izotz handia badator lurreko tarteetan barrena sartu eta sustraiak izoztu ditzake.
Nola egin? Landarea ahal den lur guztiarekin mugitu behar da. Ateratzerakoan ahal den eta sustrai kopuru handienari eta ahal bada oso-osorik eutsi. Sustrai handiak mozten badituzu, landareak zaputzaldia izateko arriskua izango du eta urte batzuetan agian buelta eman ezinik egongo da. Sustraietako zauri handiak babestu: salda bordeles pixka bat ontzi batean jarri, ur ttantta batzuk erantsi, ondo nahasi eta ore edo pasta antzeko horrekin busti zauriak. Hostaia berria ateratzen hasten denean asun urarekin ureztatzen baduzu alde ederreko indarrean etorriko da. | news |
argia-7c1f96b717a9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/hazien-artxiboan-80-hazi-edonorentzat-eskuragarri.html | Hazien artxiboan 80 hazi edonorentzat eskuragarri | Garazi Zabaleta | 2017-01-15 | Hazien artxiboan 80 hazi edonorentzat eskuragarri
Nekazaritza iraunkorraz eta elikadura burujabetzaz hitz egitean, hazien gaiarekin egiten dugu topo aurrez aurre. Tokiko barietateen erabilpena, kontserbazioa, berreskuratzea, eta zabaltzea geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira. Haziera proiektuarekin Donostiako Cristina Enea Fundazioan hazi barietate ezberdinen artxiboa abiatu zuten 2013an, eta gaur egun 80 hazi dituzte edonorentzat eskuragarri.
Haziak hartu eta eman
Hazieraren helburu nagusia ez da hazi barietate zaharrak berreskuratzea, Marc Badal proiektuko kideak adierazi digunez: "Batez ere baratze txikiak dituen edo esperientzia gutxi duen jendea etortzen da Hazierara. Formazioa, sentsibilizazioa eta dibulgazioa dira gure helburu nagusiak". Izan ere, hazien kontserbazio eta berreskurapenean Hazien Sareak dihardute lanean batez ere, eta horietara bideratzen dituzte esperientzia gehiago duten pertsonak (Nafarroako Hazien Sarera edota Euskadiko Hazien Sarera).
Funtzionamendua honakoa da: edozein pertsona joan daiteke Hazierako artxibora eta bertan dauden haziak har ditzake, doan. Haziak erein, landareak zaindu eta horietatik berriz haziak hartzen saiatuko dira 'zaintzaile' horiek. Dena ondo badoa, lortutakoetatik zenbait beraientzat gordeko dituzte, eta beste batzuk artxibora itzuli.
Hazien kontrola berreskuratu beharra
Hazi barietate lokalak nekazaritza ekologikorako bereziki interesgarriak direla azpimarratu digu Badalek: "Genetikoki oso heterogeneoak izanik, arazoen aurrean landareetako batzuk bizirik irautea errazagoa da, negutegi edo kimikoen beharrik gabe".
Historikoki, nekazariek beraiek gorde izan dituzte haziak (emakume baserritarrek, batik bat), auzokideekin edo herriko merkatuetan elkartrukatuz… Tokiko sareak ziren, beti ere. Monsanto moduko multinazionalena kontu berria da, duela hamarkada gutxikoa. Eta denbora tarte txikian munduko hazien kontrol handiena eskuratu dute. Baina badira pixkanaka horri aurre egiten hasi eta nekazaritza mundu tradizionalak utzitako ondare aberatsa berreskuratzeko lanean ari direnak, Hazien Sareak edota Haziera bera kasu. Badalek esan bezala, "haziek botere ekonomiko eta produktiboaz gain, botere sinboliko oso indartsua ere badutelako". | news |
argia-7fb8757798b5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/damaris-pan.html | Damaris Pan | Xabier Gantzarain | 2017-01-15 | Damaris Pan
Banaketa egin beharko da seguru asko aurrerantzean: internet aurretik eta internet ostean. Internet osteko artista da Damaris Pan Vega (Mallabia, 1983ko abuztuaren 29a), baina ez bereziki bere lanean sareak presentzia agerikorik duelako, ez bada bere lana ezagutzera emateko sarea erabiltzen duten artisten taldekoa delako. Bere garaiko artista, esan daiteke beraz.
Banakako erakusketarik ez oraindik, baina makina bat erakusketa kolektibotan izan da aspaldian, azkena Iñaki Imaz komisario lanetan ibilitako Esku Azpi Begi erakusketan, iazko abenduaren 30ean bukatua. Bizkaiko Ertibil erakusketarako hiru bider izan da aukeratua. Irakaslea da Arte Ederren Fakultatean.
Bere garaiko artista, baina aldi berean betikoa: marrazkia eta pintura erabiltzen ditu gehienbat, zer aurkituko duen jakin gabe abiatzen da bidean, sormen prozesuak bere barrenak erakusten dizkiola iruditzen zaio. Ez du metodologia jakinik, ez du behar. Ez du ordutegirik, ez du presarik, beretzako ari da lanean mundua. Begietatik sartzen zaion mundu hori eskuetatik ateratzen zaio, lehen edo berandu. Ez darabil margoa zerbaiten errepresentazio bezala, modu autonomoan baizik: materia bera, trazua, kolorea, marrazkia, formaren indarra. Izaki eta izaera berri bat sortzen du artelan bakoitzean.
Zer aurkituko duen jakin gabe abiatzen da bidean, artea desbideratze gisa ulertzen du, eta etengabeko desbideratze horretako geltokiak dira bere lanak. Batean izaki harrigarriak, bestean ikono zikinak, batzuetan ematen du sarean hara eta hona dabiltzan mila modutako irudien sintesi basa bat egin duela bere garaiko artistak, harrapatu duela munstroa, harrapatu duela edertasuna, eta berriro sarean jarri, izaki berriak bere bidea egin dezan. | news |
argia-0ede2fd4a09b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/fairpay-txartela-mastercarden-eta-visaren-alternatiba-sortu-da.html | Fairpay txartela, Mastercarden eta Visaren alternatiba sortu da | Iosu Alberdi Atxurra | 2017-01-02 | Fairpay txartela, Mastercarden eta Visaren alternatiba sortu da
Faircoop sistema ekonomiko justuago bat bilatzen duen mundu mailako kooperatiba bat da, sarean estatuen kontroletatik at lan egiten duena. Fairpay txartela sortu dute, komertzio fisikoetan ordaindu ahal izateko, elsalmoncontracorriente.es webguneak azaltzen duenez.
2014an sortu zenetik desberdintasun ekonomiko eta sozialak murriztearen alde egiten du lan. Etorkizunean erabiltzaileek banku komertzial eta estatuen esku hartzerik gabe funtzionatzea du helburu. Fairpay txartelarekin beste era bateko produkzio eta kontsumoa sustatu nahi dute sortzaileek, "jendearen beharrak kontuan izanik, baina balore kooperatiboak, berdintasuna eta planeta zainduz".
Urtarrilaren 5era arte egongo da Fairpay txartelak lortzeko aukera, hauek urtarrilaren 16tik aurrera izango dira erabilgarri, froga fasean. Otsailaren batean kontsumitzaile guztiek izango dituzte eskuragarri.
Aurretik hainbat elementu ekonomiko sortu izan ditu kooperatibak: Faircoin moneta, Faircredit kreditu sistema, Fairsaving aurrezkiak, Fairmarket merkatua eta Fairfunding eta Fairstars finantzaketa zerbitzuak. Nazioarteko proiektu kooperatiboak babesteko laguntza sareak ere sortu ditu.
Iraultza integratzailearen, jakintza askearen, hacker etikaren edota bizitza duinaren printzipioak bereganatzen ditu: berdinen arteko birbanaketa eta truke ekonomikoa, parte hartze politiko irekia, organizatzeko era deszentralizatua, guztien aldeko produkzioa eta jakintza irekiaren banaketa dira taldearen helburuak. | news |
argia-0b0c9163e319 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/itxurakeria-dantzan.html | Itxurakeria dantzan | Oier Araolaza | 2017-01-15 | Itxurakeria dantzan
Telebistan, sarean, oholtzan eta plazan, itxurakerian erorita ageri gara dantzariak. Beldurra diot telebista pizteari, gure lotsak agerian jartzeko gaitasuna baitu ispilu makur horrek. Alferrik da ostrukarena egitea, berehala dut uasapa agintari: "Jarri telebista! Ikusi zelako dantzak!". Eta obeditzen makal xamarra naizelakoan, ikusiz beste barik bihotza hilko didan dantzaren bideoa dator kanal beretik. "Ezin gintezke engaina, xumetasun hau gu gara" kantatu zigun Makagorriak Bidador pastoralean. Baina, Joxemiel Bidador dantzariaren xumetasun arrastorik sumatzen al da dantzarion jardunean?
Kokotsa ondo altxatuta eta bularra zeharo puztuta ageri gara jendaurrean. Gorputzaren kontzientzia egoaren arrandia bihurtuta, mugimenduaren zehaztasuna harropuzkeriaz hanpatuta. Besoak dantzarako altxatzean, toreatzaileak montera lurrera botatzean darabilen lotsagabekeria erakusten dugu dantzariok. Oinekin lurrean marrazten dugu, poema larriak kaligrafia loratuaz idazten dituenaren transzendentziaz; alkandoran kabitu ezinda, emozioak edertasunetik kontatzen ariko bagina bezala dantzatzen.
Kokotsa ondo altxatuta eta bularra zeharo puztuta ageri gara jendaurrean. Gorputzaren kontzientzia egoaren arrandia bihurtuta, mugimenduaren zehaztasuna harropuzkeriaz hanpatuta
Aitzurlari bat dantzatzen ikusi zuen Juan Inazio Iztuetak. Billanzikoa dantzatu zuen eskolatu gabeko nekazariak. Bere dantzarako abilezia eta jakintzaren erakusgarri, dantza beraren hamasei aldaera dantzatu zituen. Bularra bihotza hauspotzeko hanpatuko zuela pentsatu nahi dut, ez zituela birikak indioilarrarena egiteko puztuko. Aitzurrean egiten zuen moduan irudikatzen dut dantzan Urnietako baserritarra, ostikoz indartsu, apainduraz soil, keinuetan doi.
Dantzakera soila ez da soilik baserritarren bertutea izan. Hiriburuetako jauntxoen dantza-maisuek zorrotz zigortzen zuten estilo hanpatua. Itxurakeriak dantzariaren trebetasuna iluntzen duela idatzi zuen Juan Esquivel Navarro dantza-maisu sevillarrak. Gorputza "artifiziorik gabe, laxo, kalean eramaten den modu berean" dantzatu behar zela zioen, "itxurakeriak eta harrokeriak ongi egindako guztia okertzen baitu".
Txertoa, hantura zulatzeko ziztada, Juan Antonio Urbeltz Navarrok banatzen du gurean: "Dantza ezazue pilotan jokatzen den moduan". Euskal dantzaren estetika lezioa sei hitzetan. Dantzari puztuon oinak lurrera jaisteko, harriz betetzen digu motxila dantza-maisuak. Dantzan pilotan egiten den moduan egiteak eskatzen du egiaz dantzatzea, simulatu gabe, itxurakeriarik gabe, plantak egin gabe. Pilotari indarrez, abiaduraz eta zehaztasunez eman behar zaio, mugimendua edertzeko keinuak baztertuz, autokonplazentzia erakustaldiak saihestuz.
Dantzan ari garen itxurak egiteari utzi eta dantzan egitea da kontua. | news |
argia-c7623192519d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/adingabeak-ala-transexualak.html | Adingabeak ala transexualak | Rosa Maria Martin Sabaris | 2017-01-15 | Adingabeak ala transexualak
Ez gara inoiz jite bakarrekoak. Nor zara zu? Zer zara zu? Emakumea ala gizona? Ala ez ur eta ez ardo? Goizean matematikako irakasle hori, arratsaldez ingelesa ikasten jarraitzen duzu? Eroskin erosi eta Wallapopen saltzen duen horietarikoa zara? Heldu gabeko mutilzaharra? Ume heldua? Gazteleraz bizi den euskalduna? Beti zara bat? Beti berbera? Zenbat izaeratatik migratu zara? Zenbat errealitatetara? Zenbat aldiz aldarrikatu duzu zuretzat itzultzeko eskubidea? Ur geldia zara edo ur-jausiko ura?
Normatibitaterik gabeko jendarterik balego… Baina ez dago. Normatibitate guztiak dira zekenak eta berekoiak. Heteronormatibitateak dikotomia inposatu zigun txikitan: neska zintzoa eta apala ala mutil ausarta eta harroa. Gero onartu zen emakume-gizon zintzoak eta ausartak ere bazirela. Ez besterik. Gainontzekoa ikusezin, ezinezko.
Edozein normatibitatetik at daudenak ikusezinduak izan direlako, aldarrikatu nahi ditut hemen. Hitza eta irudia izateko eskubidea dute eurek, dut nik, dugu guztiok. Nortasunak forma ezberdinak, lausoak, iragankorrak, kontraesankorrak hartzen dituelako. Nortasuna ez delako inposatzen, ezta saltzen edo erosten ere.
Transexuala. Izena duena da. Jon ala Jone. Garai batean elizako pontean izena jartzen zen bezalaxe, gaur telebistak ipintzen dio izena eta izana jaio berri den helduren bati: Nora, Izaro, Ares… Euren izenean mintzatzen dira, aske eta askatuta.
Nahiane izen ederra da. Adingabe baten izena.
Adingabeen eskubideak ez daude gurasoen borondatearen menpe, ez eta komunikabideek audientzia igotzeko estrategien zerbitzuan, are gutxiago komunikazio-marketinaren esanetara.
Erreza da hitz-jario handiko adingabe batek transexuala izan nahi duela esaten badu, ikus-entzule kopurua igotzea. Berrogei urteko transexual batek haurtzaroan isilik jasan zituenak entzuten ditugunean, irtenbidea ezin da izan haurra telebistako platoan jesartzea.
Adingabe transexualen guraso batzuen hitzak entzutean, hotzikara sentitzen dut: gonak eta printzesen jantziak, jostailuak, eta ilearen luzera aipatzen dituzte umearen identitate-frustrazioa azaltzeko. Hotzikara, heteronormatibitatearen hamaikagarren ondorio gaiztoa delako.
Baina egia da genero-disforia –genero/sexuarengatiko sufrimenduak– jasanezina denean, zerbait egin beharra dagoela. Egia da identitate sexuala ez dela patologizatu behar, baina seguru nago ospitale publikoetako genero-unitateek telebistan entzun ditudan guraso batzuek baino ikuspegi zabalagoa dutela, eta ez dela apetak emandako erabakirik hartzen. Umeei ipuinak kontatzen jarraituko dugunean, argitu ez dagoela zoriontasuna bermatuko dien aldaketarik. Adingabe baten izena eta izana jokoan. | news |
argia-fa86b2c24a02 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/adituak.html | Adituak | June Fern�ndez | 2017-01-15 | Adituak
Emakumeak ikusgai Twitter kontuak ( @ikusgaitasuna ) honelako txioak publikatzen ditu astero: "Gaur ere ez dago emakumerik @Boulevardeitb -eko elkarrizketetan". Kataluniako #Onsonlesdones-en lanari jarraituz, EHUko Ikus-entzunezko eta Publizitate Saileko irakasle eta ikertzaile talde honek sare sozialak erabiltzen ditu euskal hedabideetan emakumeen parte-hartze eskasa salatzeko.
Hedabideen Azterketa Globala ikerketaren arabera, Espainiako komunikabideetan aditu gisa agertzen diren pertsonen %9 soilik dira emakumezkoak. Datu hori egonkor mantendu da azkenengo bi txostenetan: 2010ean eta 2015ean. Joera orokorra dirudi, beraz.
Kazetariei portzentaje hori aipatu diedanean, denek onartu dute kostata lortzen dutela elkarrizketa edo kolaborazio baterako prest dagoen emakumerik aurkitzea. Askok aitzakia doinuarekin esan didate: "Tira, nik ezin dut ezer egin emakumeak animatzen ez badira".
Ahalduntze falta, duda barik, presentzia urri horren osagai garrantzitsua da. Iruzurtiaren sindromea aipatzen du Silvia Nanclaresek eldiario.es-en argitaratutako Las niñas de la primera fila artikuluan. Esparru publikoan parte hartzen dugunean, emakumeok maiz ez dugula merezi sentitzen dugu, alegia. Arrazoia? Patriarkatuan autoritatea maskulinitatearekin lotzen delako.
Emakume askok segurtasun falta hori aitortu didate ("Ez dut uste nire iritzia interesgarria denik", "Ez naiz prestatuta sentitzen"...), baina beste askok hedabideak espazio arrotzak eta bortitzak direla esan didate. Ni ere, kazetari izanda, bat nator.
Gizonak lekua uzteko prest al zaudete? Hedabideetan maiz parte hartzen duzuenok, noizbait gonbit bati uko egin eta emakumezko kide bat gomendatu al duzue? Clásicas y Modernas kultur elkarteak Emakume barik, ez manifestuan gizonei hauxe eskatu die: emakumeak baztertzen dituzten ekimenetan parte-hartzeari uko egin
Azken urteotan jaso ditudan hiru gonbit laburtuko dizkizuet:
1. ETBko goizeko magazina, abortuaren inguruan apezpiku batekin eztabaidatu nezan. Ni ez banintzen animatzen, beste feministaren bat gomendatzea eskatu zidaten. Ezetz esan nuen eta ez nuen boluntariorik topatu.
2. La Sextako albistegiak, udal batek erailketa matxista baten inguruko komunikatu kaxkar bat hedatu zuelako, nire erreakzioaren bila. Ordubete barru etorriko ziren, minutu bateko deklarazio bat eman nezan. Arduragabea iruditu zitzaidan boteprontoan eta bi hitzetan ezagutzen ez nuen instituzio baten jokabidea epaitzea.
3. La Tuerka telebistako gizonezko aurkezle batek deitu ninduen, Fidel Castroren heriotzari buruzko saio batean hitz egin nezan. Ni ezagutu gabe, hauxe esan zidan: "Beitu, bihotza, ez dut mahai-inguruan parte hartu nahi duen emakumerik aurkitu eta gutxienez zu telefonoz sartzea nahiko nuke". Baietz esan nuen, baina txiki-txiki sentitu nintzen.
"Jabetu zaitezte, neskak!", esan ordez, emakumeon parte-hartzea benetan sustatu nahi badugu, hedabideen dinamika patriarkalak ezbaian jarri behar ditugu. Edozein gairi buruz (TTIP, Siriako gerra, homeopatia) iritzi kategorikoak ematea exijitzen duen tertulia formatua egokia al da? Nori ematen diogu adituaren estatusa? Zer egin dezakegu kazetariok elkarrizketatua edo tertulia-kidea eroso sentitu dadin? Zer egiten dugu emakume batek gure hedabidean agertzeagatik komentario edo eraso sexistak jasaten dituenean?
Eta gizonak lekua uzteko prest al zaudete? Hedabideetan maiz parte hartzen duzuenok, noizbait gonbit bati uko egin eta emakumezko kide bat gomendatu al duzue? Clásicas y Modernas kultur elkarteak Emakume barik, ez manifestuan gizonei hauxe eskatu die: emakumeak baztertzen dituzten ekimenetan parte-hartzeari uko egin.
Imajina ezazue Boulevard -eko tertulia-kideek bide horri jarraituko baliote. Gehiegi eskatzea ote? | news |
argia-1da3b998e991 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/sanchez-asiain-ez-zen-inoiz-ezkutatu.html | Sanchez Asiain ez zen inoiz ezkutatu | Juan Mari Arregi | 2017-01-05 | Sanchez Asiain ez zen inoiz ezkutatu
Jose Angel Sanchez Asiain hil da. Barakaldon jaioa, gurasoak merkatariak zituen eta irakasle, katedradun, Banco Bilbao (BB) eta Banco Bilbao Vizcayako (BBV) presidente izan zen.
Banku modernoen aitzindari, kreditu txartela sortu zuen eta bankuen arteko fusioaren alde egin zuen. Banestorekin huts egin ondoren, BB eta BVren fusioa lortu zuen, Neguriko familia ezberdinak batuz. Gizaki oro bezala, argiak eta itzalak izan zituen. BBk paradisu fiskaletan funts sekretuak zituela deskubritzea itzal makurra izan zen.
Bankaria gertutik ezagutu nuen, pertsonalki harremana izan nuen berarekin Egin- en erredaktore nenbilenean. Bere nortasunaren bi alderdi positibo nabarmendu nahi nituzke. Lehenik, Sanchez Asiainek oso ondo zaindu zuen prentsarekiko harremana. Bere bankuari zegokion arazo batez informazio gatazkatsua izaten nuen aldiro –eta ez ziren gutxi izan– nire esanetara jartzen zen, bere komunikazio talde adeitsuarekin edo elkar bilduta. Ez zen inoiz ezkutatu. Beti erantzun zuen. Beti jarri zen telefonoan, eta hori ez zen ohikoa enpresa handien presidenteengan. Gizarte ereduaz ikuspegi ezberdina genuen eta bere garaian kritika gogorrak egin nizkion, baina beti errespetatu eta estimatu ninduen.
Bigarrenik, uste dut beharrezkoa dela onartzea Espainiako gerra zibileko bi bandoetako finantzazioaz egin zuen ekarpena. La financiación de la guerra civil española liburuan hogei urteko ikerketa lana eta dokumentazio argitaragabea jaso zuen. Euskal Herrian garrantzitsuak izan ziren Nafarroan izandako diru bilketak (Mola jeneralak kontrolaturiko "zerga iraultzailea" kasu), baita Bizkaian izan ziren ondasunen konfiskazioak ere, batez ere Sota familiarenak. Agur, Jose Angel. | news |
argia-9649393412ec | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/silvia-federici-ekintzaile-marxista-feminista.html | "Emakumeok azalean daramagu soldatarik gabeko langilearen identitatea" | Danele Sarriugarte Mochales | 2017-01-15 | "Emakumeok azalean daramagu soldatarik gabeko langilearen identitatea"
Lepo bete zen Tabakalerako areto handi bat pasa den abenduan, Silvia Federici pentsalari feministaren hitzaldian. Biharamunean bildu ginen harekin, eta errepasoa egin bere ibilbide luze eta mamitsuari: lehenik,emakumeen etxeko lanen esangura irauli; gero, globalizazioak munduko emakumeei ekarri diena gertutik aztertu; gaur egun, egitura komunalen eta elkartasunaren beharra aldarrikatu.
Nolatan hasi zinen erreprodukzio-lanaren izaera politiko eta ekonomikoa aztertzen?
Mugimendu feministan nenbilen eta 1970 inguruan eztabaida handiak izan genituen, ea zeintzuk ziren emakumeek kapitalismoaren pean pairatzen zuten zapalkuntzaren arrazoi zehatzak. Gure iritziz, gizarte kapitalistan, langile guztiak zeuden zapalduta, baina argi zegoen emakumeen kasuan bazegoela zapalkuntza gehigarri bat. Alde batetik, ados geunden: erreprodukzio-lana eta etxeko lanak ziren zapalkuntza horren arrazoietako bat. Lan horren zer ezaugarrik ote zekarren diskriminazioa: horretan ezin ginen bat etorri.
Zeintzuk ziren ikuspegi nagusiak?
Bi teoria nagusi zeuden: batetik, feminista marxista sozialistek uste zuten etxeko lanek ez zutela kapitalik sortzen, ez zela lan produktiboa baizik eta mundu aurre-kapitalista baten aztarna, zerbitzu pertsonal bat, nolabait esan. Bestetik, feminista erradikalek uste zuten patriarkatua zela emakumeen zapalkuntzaren iturria, eta iruditzen zitzaien patriarkatua ez zela sistema ekonomiko bat, baizik eta aroz aro iraun duen kultur sistema bat.
Ez genuen aski bi teoria horiekin. Klase kapitalista etengabe ari da jendea zukutzen, haien izerdiaren azken tanta ere lortzeko; beraz, milioika emakumek beren bizitzaren puska handi bat musu-truk lanean ematen bazuten, horrek derrigor ekarri behar zion etekinik klase kapitalistari.
Beraz, bestelako ikusmolde bat aldarrikatu zenuten.
Bai. Gure ikuspegitik, etxeko lanen bitartez (janaria prestatu, arropak garbitu, umeak egin eta zaindu) ekoizten ziren langileak; ez zen zerbitzu pertsonal bat, baizik eta egunez egun, belaunaldiz belaunaldi, jendearen lan egiteko gaitasuna ekoizten duen zeregin-multzoa, lan-indarra bera ez baitator berez, etengabe berritu behar da.
Halako iraultza bat izan zen. Erreprodukzio-lana ez zen, marxistek esan bezala, kapitalismotik at zegoen lan bat, baizik eta kapitalismoaren lan-antolamenduaren oinarri-oinarria, gainerako lan mota guztiak posible egin dituen jarduna. Hortik abiatuta ondorioztatu genuen klase kapitalistak lan ikusezin eta ez-ordaindu gisa ezarri behar izan zuela, osterantzean ezin izango baitzuten hainbeste ondasun pilatu.
"Soldatak etxeko lanen truke" mugimendua sortu zenuten gero.
Estrategia gisa proposatu genuen soldatak ematea etxeko lanen truke, ez iraultza edo helburu gisa. Soldatarena estrategia bat zen harremanak aldatzeko, ez bakarrik etxe barrukoak, baita etxetik kanpokoak ere, zeren, emakumeok etxetik kanpo lan egiten dugunean, azalean baitaramagu soldatarik gabeko langilearen identitatea, eta ondorioz, lan-indar merkea gara. Nagusiek badakite zer-nolako desesperazioarekin desio dugun soldata hori, badakite ohituta gaudela debalde lan egiten, ez dugula geure lana garrantzizkotzat jotzen, eta gogo onez eskertuko ditugula ematen dizkiguten papurrak.
Zure azken liburuan diozu Bigarren Mundu Gerrak izan zuela zerikusirik hausnarketa horiekin guztiekin, eta norbaitek aztertu beharko lukeela eragin hori.
Egia esan, Leopoldina Fortunati eta Mariarosa Dalla Costa feminista italiarrek idatzi zuten horri buruzko liburu bat: Brutto Ciao (Bella Ciao-ri kontrajarriz).
Gerra bitarteko eta osteko Italia aztertu zuten eta, haiek diotenez, gerra mugarri izan zen, pitzatu egin zuelako emakumeek estatuarekin eta familiarekin zeukaten harremana. Bai, gerraostean emakumeek jarraitu zuten ezkontzen eta umeak ekartzen; hala ere, hautsi egin zen beste irudipen hori, faxismoaren garaian zabaldua, zeinaren arabera familia patriarkalak emakumeak babesten baitzituen. Gerrak erakutsi zuen emakumeek beraiek babestu behar zutela beren burua, eta gainera, emakumeak konturatu ziren ez zutela nahi umeak estatuarentzat ekoizten segi, zertarako eta gero gerrara bidali eta sarraskitu zitzaten.
Argazkia: Dani Blanco.
Eta AEBetan zer-nolako eragina izan zuen?
Hango emakumeei ere izugarri eragin zien, oso bestelako moduan, hala ere. Gerrak iraun bitartean, emakumeak armagintzan sartu ziren eta askok estreinako aldiz jaso zuten soldata bat, estreinako aldiz bizi izan zuten etxetik kanpo lan egiteko esperientzia. Gainera, emakumeen lana hauspotzeko, AEBetako gobernuak halako egitura ia utopiko batzuk sortu zituen: zentro batzuk eraiki zituzten, eta emakumeak joan zitezkeen goizean hara, umeak utzi, eta iluntzean berriz batu, eta batu baita ere janaria, arropa garbia…
Gerra amaitu, gizonak frontetik itzuli eta kolpez suntsitu zuen dena gobernuak. Arkitektoak kaleratu zituzten eta, egitura horien ordez, aldiriak eraikitzen hasi ziren, emakumeak isolatzeko eta gizonak beren lantokietatik urruntzeko, ez zezaten sindikatuekin-eta bat egin. Familia nuklearra gordetzeko urrezko kaiolak eratu zituzten, azken batean.
Nola aldatu da erreprodukzio-lanari buruzko zure ikuspegia azken 40 urteotan?
Batetik, 1990eko hamarkadan Nigerian lan egin nuen hiru urtez, unibertsitateko irakasle moduan, eta hortxe egin nuen topo lehen aldiz lurrarekin eta iraupeneko nekazaritzarekin. Orduantxe konturatu nintzen Afrikako emakume askorentzat soroan bertan abiatzen zela erreprodukzio-lana. Nigeriara iritsi nintzenerako, Munduko Bankuak dagoeneko martxan zeukan iraupeneko nekazaritzaren aurkako kanpaina bat, zeina indarrean baitago oraindik.
Bestetik, globalizazioaren ondorioz, egoera aldatu da. Mendebaldean, emakume mordo bat soldatapeko lanean ari da, lanpostu baxuetan, autonomoa izateko aukera handirik gabe. Nazioarteko Diru Funtsaren politikek guztiz pobretutako herrialdeetako emakumeek, berriz, Mendebaldeko herrialdeetara egin dute alde, eta zaintzaile edo sexu langile gisa ari dira, nahiz eta asko ikasitakoak izan. Soldaten kanpainan uste genuen emakume guztiok konpartitzen genuela zerbait erreprodukzioa zela-eta, aldeak alde. 80ko eta 90eko hamarkadetako egiturazko egokitzapenen ostean, ordea, askoz zailagoa da lotura hori aurkitzea.
Entzun dizugu globalizazioa ez dela prozesu tolesgabea.
Globalizazioa kontra-iraultza bat da, horren bidez erantzun zion nazioarteko klase kapitalistak 1960ko hamarkadan goia jo zuen iraultza-olde sinestezinari. Hainbat aurpegi ditu globalizazioak, baina, osoari erreparatuta, argi dago maniobra zeharo politikoa dela (ekonomia kapitalista guztia da politikoa).
Giltzarria da ea klase kapitalista gai den esplotazio maila jakin batzuk mantentzeko. Horretarako, krisialdi-garaietan egin ohi dutena egin zuten kapitalistek: jendearen iraupeneko baliabideak deuseztatu; hala, esplotazio molde bortitzagoak onartu behar dituzu. Horregatik suntsitu zituzten ondasun komunalak, ez bakarrik lurrak eta basoak, baizik eta geuk geure ondasun komunaltzat jo izan ditugunak, egiaz sektore publikokoak izan arren, adibidez, pentsioak edo doako hezkuntza.
Zeintzuk izan ziren kontra-iraultza horren lehen urratsak?
Zorraren krisiarekin abiatu zen dena, zeina, bide batez, guztiz artifizialki sortu baitzuten 70eko hamarkadaren amaieran. Sistema kolonial zaharra modu berri batean ezartzeko tresna izan zen. Besteak beste, Afrikako herrialde berriki independenteei maileguak eskaini zizkieten, oso interes baxuarekin, hartara, herrialde aurreratuen mailara irits zitezen, teknologia erosiz-eta. Gero, AEBetako Erreserba Federalak interes tasak igo zituen, dolarrak gora egin zuen, eta gauetik goizera, herrialde horiek ezin zuten ordaindu. Zorrean oinarrituta, inbertsioak kendu behar izan zituzten: hezkuntza, osasungintza, garraioa… Lehengaiak esportatzen hasi behar izan zuten, eta bestelakoak kanpoan erosten. Herrialde horietako ekonomiak behea jo zuen. Nigeria, adibidez, herrialde nahiko aberatsa izana zen, eta jendeak ez zuen beste erremediorik izan, alde egitea baino.
"Munduko Bankuak eta Nazio Batuen Erakundeak-eta halako erretorika bat zabaldu dute, globalizazioak emakumeei egin diela mesede handiena, baina gezur hutsa da"
Nola eragin die globalizazioak emakumeei?
Munduko Bankuak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak-eta halako erretorika bat zabaldu dute, globalizazioak emakumeei egin diela mesede handiena, baina gezur hutsa da.
Ezkerra motelago ibili da, baina NBE azkar asko ohartu zen mugimendu feministaren iraultza gaitasunaz, eta hasieratik ikusi zuten emakumeen autonomia-grina bizia ustia zezaketela globalizazioa indartzeko: maquiletan [lantegi mota bat], zerbitzu publikoetan, emakumeak dira nagusi; gure ordenagailuak Txinako emakume gazteek egiten dituzte, hain lan-baldintza latzen pean ezen askoren borroka-moldea baita beren buruaz beste egiteko mehatxuak egitea. Emakumeen bizkarrean berrabiarazi da ekonomia globala. Beraz, ezin dugu onartu beste ideia hori, soldatapeko lanak askatu dituenik emakumeak.
Musu-truk lan egiteak ere ez ditu askatu, hala ere.
Ez, ez. Doako lana suntsitu behar da, klase kapitalistari oparitzen ari baikara musu-truk egindako lan hori guztia, eta haiek hori erabiltzen ari dira emakumeak areago pobretzeko. Etxeko lanen harira, hiru urrats garrantzitsu daude, elkarri lotuak: doako lana deuseztatzea, etxeko lanak sozialki baloratzea eta horiek antolatzeko modua iraultzea. Nola egin hori? 70eko hamarkadan soldatarena proposatu genuen. Orain, ordea, ikuspegi globalagoa daukat eta ikusi dut zein erraz manipulatzen den dirua, beraz, bestelako gauzak ere proposatuko nituzke. Hala ere, erreprodukzioaren gaia beste maila batera eraman behar dugu. Erreprodukzioaren ikuspegitik landu daitezke orotariko borrokak, adibidez, etxebizitzaren aldekoa: gure etxeak lantegiak badira, lan-indarra han ekoizten baitugu, ez genuke alokairurik ordaindu behar lan egiten dugun tokiaren truke. Probokazioak dira, baina nik uste dut baliagarriak direla.
Aipatu ditugun eraldaketa horien guztien argitan, zer-nolako erresistentzia proposatuko zenuke gaur egun?
70eko hamarkadan sinetsita nengoen, eta orduan baino are konbentzimendu handiagoz sinesten dut orain, lehenik, mundua eraldatzeko, mobilizazio feministak ikuspegi anti-kapitalista izan behar duela, eta bigarrenik, funtsezkotzat jo behar duela erreprodukzioaren borroka, bi arrazoi direla medio. Batetik, erreprodukzioa da emakumeak esplotatzeko oinarrizko eremua, eta gainera, eremu horretan harrapatzen gaituzte lehenbizikoz harreman kapitalistek, eremu horretan hasten gara bizitzaren ikuspegi kapitalista xurgatzen. Bestetik, orain badakit ezin duzula inongo antolamendu edo masa mugimendu politiko sendorik eraiki, non eta ez duzun erreprodukzioa aldatzen. Gizartea aldatzeko ezinbestekoa da erreprodukzioa aldatzea: nola erreproduzitzen duzun zure burua, halakoxe politika egingo duzu.
Egitura komunalak, horra azkenaldian landu duzun beste kontzeptu bat. Zer alde dago egitura publikoen eta komunalen artean?
Adibide bat jarriko dizut. 2005etik 2008ra bitartean Italian egon nintzen ia denbora osoa, nire ama oso gaixo zegoela-eta. Erizain bat kontratatu genuen goizetan zain zezan: zerbitzuaren erdia guk ordaintzen genuen, eta beste erdia udalak, beraz publikoa zen hein batean. Erizainetako asko itzelak ziren, oso jatorrak, baina amesgaizto bat zen, zeren bi egunean behin aldatzen zuten erizaina, eta ezinago urduri egoten ginen, ia egunero irakatsi behar baikenion pertsona berri bati nire ama nola ukitu. Ez hori bakarrik: nire ama emakume heldua da eta norbaiti zure gorputz biluzia erakusteko behar duzu pertsona horrekin nolabaiteko harreman eta konfiantza bat sortu. Sektore publikoa defendatu behar dugu, noski, baina sektore publikoak kontuan hartzen badu, soil-soilik, eraginkortasunaren, etekinen eta dirua aurreztearen logika, ez digu behar dugun hori emango.
Horregatik behar ditugu egitura komunalak. Espazioak behar ditugu, noski, baina, batez ere, jendearen arteko elkartasuna berreskuratu behar dugu, ondasun komunala baita hori ere, eta erabakiak hartzeko egiturak sortu. Gustatuko litzaidake halakoak ikustea, asanblada komunalak maiztasun jakin batekin, behetik eztabaidatzen has gaitezen, adibidez, zer den osasuna eta zer-nolako osasungintza nahi dugun.
Bata gabe, bestea ezin.
Komuna sendoak eraikitzeko, bestelako neurriak ere behar dira. Amaia Perez Orozcok esan bezala, laneguna laburtu behar da, zeren 10 ordu egiten badituzu bulegoan, bada ez daukazu astirik komunitatean modu aktiboan parte hartzeko. Dena dago elkarri lotuta.
Argazkia: Dani Blanco. | news |
argia-46cd833330e0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/jarrera-da-ia-inportanteena.html | Jarrera da (ia) inportanteena | Jon Aranburu Artano | 2017-01-15 | Jarrera da (ia) inportanteena
Kronika: Screamers and Sinners, Señor NO eta Sumision City Blues. Gasteizko Hell Doradon, urtarrilaren 7an.
Musikazaleok maiz eztabaidatu izan dugu kontzertu batean zein taldek zeinekin emango lukeen ondoen, edo honek eta hark ez dutela elkarrekin pegatzen kartel berean... Emanaldia hasi aurretik zerbaitez aritu behar, badakizue. Badaude koherentziaren aldekoak, baita kontrastearen aldekoak ere. Beste eztabaidetako bat izaten da aretoa bera urliarentzat egokia ote den; are gehiago Hell Dorado moduko areto batez ari bagara, rock areto izaera ondo markatua baitu Gasteizko infernu txikiak.
Oraingoan geneukan hirukoteak rockaren askotariko koloreak zekartzan Gasteizko gau hotzera, beraz, nolabait ere koherentziarena eta kontrastearena betetzen zituen. Afixa (ia) perfektua, beraz.
Arrasateko Screamers & Sinners izan ziren martxan jartzen lehenengoak. Rockabilly-a punk jarreraz emana, psychobillya, egiten du laukoteak. Kontrabaxua buru zela, ordubetean, erritmo dantzagarriz, gitarra zorrotzez, saxo lizunez eta hitz gordinez berotu zuten aretoa. Gaztelania, ingeles eta euskarazko abestiak tartekatu zituzten, eta pare bat bertsio ere bai (RIPen Ahogate identifikatu nuen). Bi disko dituzte kalean, eta hirugarrena ere ba omen dator; bi urteko tartean ez da gutxi.
Taula gainean urteak daramatzatenak, berriz, Señor NOkoak dira. Euskal underground ean, halakorik balego, izen handienetakoak dira Buenavistakoak. Punk rock azkarra, gitarra soloz josia, eta jarrera sutsua. Xabi Garre (ez, bere abizena ez da Señor NO) frontman ak jendeari behin eta berriz egin zion orro, eta ordubetean, ia arnasarik hartu gabe, euren errepertorio zabalaren lagin dotorea eskaini ziguten. Ez, berrikuntzarik ez dute ekarri azken urteotan; baina zer arraio, beharrik ba al dago beti berritzen aritzeko?
Argazkia: Dos Por Dos.
Sumision City Bluesek azken lana aurkeztea zen, baina, gaueko aitzakia nagusia. Hay un plan trazado desde arriba, y se llama... Sumisionen lehen lan luzea da, aurretik disko laburrak besterik ez baitituzte argitaratu. Hasieratik argi utzi ziguten zein zen beraien intentzioa Pela abeslariak "Topa, hijos de puta !" oihu egin zuenean: ospatzea eta eragitea. Disko berriko kantuak (aurrekoak baino rockeroagoak) eta zaharrak (funk kutsu nabarmenagokoak) tartekatu zituzten ordu eta erdiz. Hell Doradok talde honentzat neurrira egindako aretoa dirudi: eszenatoki perfektua da Pelak bere imintzioak egiteko, Josebak eta Antik elkarrekin "lehiak" egiteko eta David eta Kikek denok dantzan jartzeko. Gainera, inoizko sasoirik onenean daudela esango nuke; beraz, zer gehiago eskatu?
Argazkia: Dos Por Dos.
Bada eskatzen jarrita, jarrera; eta horretatik ere izan zuten hirurek: punk jarrera probokatzailea agertu zuten; kantuak eman baino, jaurti egin zituzten, bata bestearen atzetik zapladaka. Ezer nabarmentzekotan, horixe. Ez da alferrik askotan esan jarrera dela (ia) inportanteena. | news |
argia-a7a0bf3ab9a1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/unai-iturriaga-zugaza-artaza.html | "Bertsotan egiteak eta marrazteak duten antzekotasun bakarra, sortzen didaten erretzeko gogoa da" | Garazi Zabaleta | 2016-12-04 | "Bertsotan egiteak eta marrazteak duten antzekotasun bakarra, sortzen didaten erretzeko gogoa da"
Altza Porru n parte hartu duzun arren, komiki-kontakizun osorik ez duzu egin gainontzeko marrazkilariek ez bezala. Zentsuratu egin al zaitu Jakobak?
Banekien jakin Jakobak ni zentsuratzeko asmoa zeukala eta horregatik, neure buruari inportantzia emanez, erabaki nuen aukera hori ez ematea. Eta bai, egia da ez dudala gainontzeko marrazkilariek legez komiki-kontakizun osorik egin Jakobarekin berbatuta dudalako hurrengo albuma neuk idatzi eta marraztuko dudala oso osorik. Edozelan ere, hori ez publikatu beste marrazkilariak haserretu egingo direlako –edo beste guztiei ere eskaintza bera egin ote die alubita horrek?!–.
Aprobetxatu duzu, ordea, Jackoba super-heroia sortu eta hura intxaurrondo bihurtzeko. Bazuen arrazoirik zu zentsuratzeko, agian…
Jackoba Super Erroia H28 aldizkarian agertu zen estreinakoz eta Marvelen Garden&Heroes sailaren eskaintzari uko eginez Altza Porru rako gordetzea erabaki nuen. Intxaurrondo bihurtzeak badu azalpen sinple bat: marrazkilari kaxkarra naiz eta kosta egiten zait mugitzen diren gorputzak marraztea.
Eroso sentitu zara "Desapioaren txanda" ariketan, ezta?
Kartzelako gaiaren ariketara ohituta nagoelako badiozu erantzungo dizut ezetz. Bertsotan egiteak eta marrazteak daukaten antzekotasun bakarra da batak zein besteak erretzeko itzelezko gogoa sortzen didatela.
Marrazkigintzarekin, politikarekin edota umorearekin lotu izan dute baratzea aurreko elkarrizketetan. Bertsolaritzarekin izan al dezake loturarik?
Jakina! Ez gara, ba, marrazkilariak edo politikariak baino gutxiago izango! Guk ere baditugu gure piperrak, kalabaza galantak, artabururen bat edo beste (beti ere errespetuz) eta nonahi hazten den txominbedarra, zerbitzari hau tarteko.
Alberjini zalea al da Unai Iturriaga Zugaza-Artaza?
Gogoan dut munduan gure hazia hedatzeko anbizioa izan aurretik bagenuela etxean sukaldean aritzeko grina. Bikotekideak haragi xehatuz eta gaztaz beteriko alberjinia demasakoak egin ohi zituen tarteka. Gogoratze hutsak Parisko zikoinari bidalketa bueltan eramatea eskatzeko gogoa sortzen dit. | news |
argia-724ae7f885b9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/jokoz-kanpo.html | Jokoz kanpo | I�aki Odriozola Sustaeta | 2016-12-04 | Jokoz kanpo
Lagun batek, nire irakurle izateagatik eskerrak eman nizkionean, zera esan zidan, ea zergatik ez nuen idazten "lurreko" gauzei buruz, eta ez ideia abstraktuen inguruan. Beti uste izan dut lurrari loturik hausnartu izan dudala, baina, tira, errealitatera jaisten saiatuko nintzela baieztatu nion. Errealitatea. Auskalo!
Esaterako, aitortu behar dut gaur egungo Ameriketako Estatu Batuei buruz (AEB) ez dakidala asko, eta dakidana komunikabide handietatik jasotzen dudala. Horien indarra jendartean hain da handia, ezen errealitatea ere euren erara eraikitzen dugula. Munduan ematen diren milaka eta milaka gertaeretatik batzuk bakarrik aukeratzen dituzte, ustez inportanteak, eta horien inguruan eraikitzen digute egunerokoan, inguruari buruzko ikuskera.
Azpimarratu nahi digutena gelditzen da agerian, eta horri buruz eztabaidatzen dugu, iritziak eman, baina beste hainbat eta hainbat kontu, lapurtzen dizkigutenak, ez ditugu ezagutzen, ez dira existitzen, komeni zaienean ateratzen dizkiguten arte. Horretan ere menpean hartzen gaituzte komunikabideen jabe diren elite boteretsuek.
AEBetako hauteskunde kanpainan, komunikabide horiek, bai liberalek bai sozialdemokratek, komeni zitzaien errealitatea azaldu digute, Clinton eta Trumpen arteko ustezko borroka, alegia. Trump arrazista, matxista, errefuxiatuen aurkakoa, erdi-faxista eta lotsagabe eroa omen; Clinton, ordea, arrazoizko emakumea, USAko lehen emakume lehendakaria izan zitekeena, feminismoaren ohorerako.
Trumpek irabazten badu, esan digute temati, hegoamerikar guztiak botako ditu, Mexikon horma jasoko du, musulmanek ezingo dute USAn sartu, ekonomia hondoratuko da, eta abar. Eta egunero hautagaiaren ergelkeriaren bat erakutsi digute, esaldi nazkanteren bat, edo aspaldi egindako pasadizo lotsagarriren bat.
Europa osoa, esan digute behin eta berriz, Clintonen alde dago. Zein eroak estatubatuarrak, zein zentzudunak europarrak! Eta egia da ezkerreko sentitzen diren asko ere, Hillaryren alde egon direla: "Biak eskasak izanik, Clinton ateratzen bada, gaitzerdi!", zioten, hark egindako guztia ahaztuz.
Horregatik, Trumpek irabazi duela jakin dugunean, aho zabalik denok: nola daiteke milioika langilek, eroari bozka ematea? Zer errealitate eraiki digute hilabeteetan, eta zer ezkutatu digute komunikabide horiek?
Eta orain Europara datoz, hasi dira jada esaten hobe izango dugula eskuineko hauteslea ultraeskuinekoa baino, bai Frantzian bai Alemanian, baita beste toki guztietan ere. Krisia garaitzeko modu egokiena, krisia eragin dutenei boza ematea dela sinestarazi nahi digute. Bitartean, non dago ezkerra? Errealitatetik kanpo. Jokoz kanpo. Offside. OFF. | news |
argia-d47e14ef3bc3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/if-i-win.html | If I win | Edu Zelaieta Anta | 2016-12-04 | If I win
Irabazten badut, hemendik aurrera, goxoki bana ekarri beharko didazue zuek guztiok egunero. (Galtzen badut, ordea, nik ez dizuet ezertxo ere ekarriko, eta zuen garaipena kolokan jarriko dut).
Irabazten badut, neuk erabakiko dut hemendik aurrera zein jolasetan arituko garen parkean ematen ditugun arratsaldeetan. (Galtzen badut, ordea, lasai ikusiko dut unean-unean jolasteko gogorik ote dudan edo ez).
Irabazten badut, nik esaten dudan guzti-guztia egin beharko duzue hemendik aurrera, txintik atera gabe. (Galtzen badut, ordea, ez zait iruditzen kasu handiegirik egingo dizuedanik; ez naiz zuekin fio).
Irabazten badut, eskolako motxila eraman beharko didazue hemendik aurrera, goizero eta arratsaldero, nik nahi dudan zamarekin. (Galtzen badut, ordea, ez eskatu niri kontu xelebrerik, ez baititut zuen gauza pisutsuak nire bizkar noblean pausatuko).
"I will totally accept the results of the election… if I win", esan zuen Trumpek. Eta, ongi dakigunez, irabazi egin du. Eta, aurretik adierazi bezala, hauteskunde emaitzak onartu ditu. Eta, gutxi barru, txiki iruditzen omen zaion Etxe Zurian jarriko da maizter, jabe itxuran.
(Eta esan gabe esan diren horiek parentesi artean iraungo dute). | news |
argia-9f8868813af7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/harrera-hotza.html | Harrera hotza | Montserrat Auzmendi del Solar | 2016-12-04 | Harrera hotza
Egia esan, denboraldi honetako bigarren produkzioa ez da izan ikusi eta entzundako onenetako bat, baina publikoaren harrera hotza bai izan dela sorpresa, niretzat behintzat. Txalo gutxi, oso gutxi, ia-ia denborarik ez abeslari eta artista guztiek agur esateko, bat-batean oihala beheraka… Esan bezala, ez zen saio ona izan, baina taula gainera igotzen den edozeinek merezi du beste arreta bat.
Hori esanda, ba bai, Rossiniren Cenerentola-k beste taxu bat behar zuen. Eszenografia bitxia izan zuen, irudimentsua esango nuke, baina, batzuen gusturako, pobrea. Agertokiaren erdian jarritako egurrezko kubo batekin konpontzen ziren giro guztiak, buelta emanda, alde batera edo bestera. Balekoa. Bestalde, jatorrizko istorioa XVII. mendean kokatzen da, eta kasu honetan –azkenaldiko produkzio askotan bezala– gaur egunera pasa da, baina logika handirik gabe. Agertzen dira polo jokalari batzuk, arrazoirik gabe, eta laburbilduz, modernizatzeko asmo hori deskalabru txiki bat bihurtu zen.
Musikalki, zer esango dugu? José María lo Monaco mezzo garrantzitsua da, baina ez zuen izan aukerarik nabarmentzeko aldi honetan. Akustika dela, edota orkestraren gehiegizko bolumena une askotan (batez ere lehenengo ekitaldian), azken batean ez genuen asko entzun Angelina gaixoa. Gauza bera esan genezake Edgardo Rochari buruz. Saiakerak egin arren, nahiko ilunduta geratu zen haren saioa. Halere, zailtasun guztien artean, Paolo Bordogna baxu baritonoak jakin zuen akustikaren arazoak gainditzen eta interpretazio distiratsua eskaintzen. Benetan, saioak emandako onena. Ahots garbia, fraseatze dotorea oparitu zituen, eta interpretatzeko grazia eta trebetasuna nabariak izan ziren. Bruno de Simone baritonoak, berriz, Don Magnifico taxuzkoa egin zuen. Eta Marta Ubieta eta Mª José Suárez, Clorinda eta Tisbe roletan, eraginkortasunez eta komikotasunez aritu ziren.
Antonello Allemandik zuzentzen zuen Bilbao Orkestra Sinfonikoari fintasun pittin bat falta izan zitzaion abeslariak azpimarratzeko ahotsak zapaldu gabe. Lastima. | news |
argia-fda39b7c7156 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/nekane-balluerka-ehuko-errektore-hautatu-dute-12ko-parte-hartzearekin.html | Nekane Balluerka EHUko errektore hautatu dute %12ko parte-hartzearekin | Iosu Alberdi Atxurra | 2016-11-25 | Nekane Balluerka EHUko errektore hautatu dute %12ko parte-hartzearekin
Nekane Balluerka EHUn errektore kargua hartuko duen lehen emakumea izango da, azaroaren 24an hauteskundeak irabazi ondoren. Parte-hartze baxua (%12) eta ikasle protestak izan dira protagonista bozketa egunean.
Hautagai bakarra izanik botoen heren bat behar zuen garaile ateratzeko eta boto haztatuaren %66,3 lortu du, duela lau urte Iñaki Goirizelaiaren hautagaitzak baino hamar puntu gehiago. Ikasleen artean, ordea, boto zurien igoerarekin, Goirizelaiak baino lau puntu gutxiago lortu ditu egun Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen errektoreorde denak.
Bozkatzera deituak zeuden ia 48.000 lagunetik 6.000 baino gutxiagok eman dute botoa, hau da, %12,3ak. Halere, duela lau urtekoarekin alderatuz parte-hartzeak gora egin du –bi puntu–, hamaika puntu jaitsi den administrazio eta zerbitzuetako langileen artean izan ezik.
EHUren Leioako campusean ikasle protestak egon ziren eta Ertzaintzak gazteen aurka kargatu zuen. Aurretik Guardia Zibilak Gasteiztik Leioara bidean zihoazen lau autobus gelditu zituen gazteak identifikatzeko.
Emaitzak jakin ondorengo hitzaldian Balluerkak unibertsitate publikoan "konfiantza" izateko eskatu zien ikasle, irakasle eta langileei, gizarteak aurrera egiteko ezinbestekoa delako.
Errektoretza hauteskundeen funtzionamendua
Bozkatzera deiturik zeuden lagun guztien botoak ez du berdin balio, EHUk haztatze sistema baten bidez funtzionatzen baitu.
Ikasleek hautesle erroldaren %84,6 osatzen duten arren, euren esku botoen %22,08 dago. Beste muturrean lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaile doktoreak daude, erroldaren %4,6 dira, baina botoen %56,25 dago hauen eskuetan. Lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaile ez doktoreak %0,7 dira eta botoen %7,5 dute. Gainerako irakasle eta ikertzaileak %6,2 direnean botoen %2,09 dute eta administrazio eta zerbitzuetako langileak erroldaren %3,9 direnean botoen %12,08 dute. Ikasle kontseiluak desoreka hau salatu zuen bozketen aurretik.
Parte hartzea
- 40.352 ikasletik 2.032k eman dute botoa (1.074k Balluerkaren alde eta 873k zuri)
- Lotura iraunkorra duten 2.198 irakasle eta ikertzaile doktoreetatik 1.643k eman dute botoa (1150 alde eta 471 zuri)
- Lotura iraunkorra duten 311 irakasle eta ikertzaile ez doktoreetatik 205ek eman dute botoa (138 alde eta 67 zuri)
- Gainerako irakasle eta ikertzaileak 2.965 dira eta 852k eman dute botoa (602 alde eta 230 zuri)
- Administrazio eta zerbitzuetako 1.879 langileetatik 1.134k eman dute botoa (714 alde eta 411 zuri) | news |
argia-df3c499aaa1c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/erantzuna-historia-ekonomikoari-galdetu.html | Erantzuna? Historia ekonomikoari galdetu | Endika Alabort Amundarain | 2016-12-04 | Erantzuna? Historia ekonomikoari galdetu
Historia ekonomikoak epe luzeko analisia du helburu, gertakizun ekonomikoak argitzeko. Herrialde ezberdinek izan zuten hazkunde ekonomiko ezberdinak azaltzeko, Angus Maddisonek populazioa eta BPGri buruzko datu multzo izugarria bildu zuen. Robert B. Marksen azterketek, aldiz, XV. mendean munduaren ekonomia-zentroa Asian zegoela azpimarratzen dute. Baina historia ekonomikoak ez ditu soilik epe luzeko gertakizunak azaltzen.
Beren burua aurrerakoitzat dutenak Brexit eta Trumpen arrakastek erabat ikaratuta utzi ditu. Hainbat arrazoi soziologiko, politiko eta demografiko aipatu dira. Eztabaida honi historia ekonomikoak zer gehitu diezaioke?
Beren burua aurrerakoitzat dutenak Brexit eta Trumpen arrakastek erabat ikaratuta utzi ditu. Eztabaida honi historia ekonomikoak zer gehitu diezaioke?
Depresio Handia (1930eko hamarkadako krisia) eta Atzeraldi Handia (2008 -...) aldera ditzakegu, antzekotasunak eta ezberdintasunak aztertuz. Depresio Handiaren sustraiak lehendik zetozen. Lehen Globalizazioa 1870 eta 1914 artean gauzatu zen, mundu ekonomia erabat irauliz; baina honen ondoren, Lehen Mundu Gerrak egoera ekonomikoa ezegonkortu zuen. "20ko hamarkada zenbait herrialderentzat hazkunde aldia da, kreditu malgu eta espekulazioari lotuta. Hazkunde ahul honek hamarkada amaieran eztanda egin zuen, Depresio Handiari hasiera emanez.
Nortzuk izan ziren krisi honen galtzaileak? Orokorrean langileak; baina baita negozio txikiak zituztenak eta nekazariak ziren lur jabe txikiak ere. Alemaniaren kasuan, Depresio Handia aurreko hamarkadan izandako beste krisi larri batzuen ondoren zetorren. Dirudun handiek are gehiago aberastu ziren, baita gizarte polarizazioa asko handitu ere. Krisitik irteteko, ohiko politikariek ez zuten ezer berririk aurkeztu; beste batzuek, aldiz, hauen artean ultraeskuineko alderdiek, erretorika berria erabili zuten boterea eskuratzeko; gastua azpiegituretan eta arlo militarrean handituz; neurri protekzionistak aplikatuz industria eta lanpostuak babesteko asmoz; finantzen kontrola...
Neurri horiek krisia gehien kolpatutako gizarte taldeen babesa eskuratu zuten. Berdin zen AEBetako Alderdi Demokrata edo Alemaniako Nazi alderdia izatea. Beste gauza bat da, ea benetan neurri horien aplikazioak talde sozial hauek babesten zituen ala ez. Aipatu beharrekoa da ere, Bigarren Mundu Gerra izan zela Depresio Handiari amaiera eman ziona, ez aplikaturiko neurri horiek.
Gaur egungo egoerarekin alderatuz, antzekotasunak agerian daude. Globalizazioaren Mendebaldeko galtzaileek neurri mota horien alde egin dute, euren egoera gehiago oker ez dadin. Eta orain arte, alternatiba hauek eskaini dituztenak Trump eta antzekoak izan dira. Horrela uler daiteke, historia ekonomikoa erabilita, eskuineko populisten hauen arrakasta. | news |
argia-a715c56c1f7d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/osasunbidean-abortatzeko-eskubidea-ziurtatuko-du-nafarroako-gobernuak.html | Osasunbidean abortatzeko eskubidea ziurtatuko du Nafarroako Gobernuak | Euskalerria irratia | 2016-11-22 | Osasunbidean abortatzeko eskubidea ziurtatuko du Nafarroako Gobernuak
Fernando Dominguez (Osasun kontseilaria): "Abortuaren dekretua baino gehiago da hau, sexu osasun politika berri baten ikurra delako, errealitate sozial berriarekin bat etorriko dena".
Osasunbidean abortatzeko eskubidea ziurtatuko du Gobernuak. Abortuaren dekretua aurkeztu du Osasun kontseilariak. Fernando Dominguez, Osasun Kontseilariak, lauko gobernuko ordezkariek lagunduta eman du horren berri: Geroa Baiko Koldo Martinez; EH Bilduko Bakartxo Ruiz; Podemos-Ahal Duguko Tere Saez eta Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simon izan dira aurkezpen horretan.
Dominguezek nabarmendu duena da, abortuaren dekretua baino gehiago dela hau, sexu osasun politika berri baten ikurra delako, errealitate sozial berriarekin bat etorriko dena. Hortaz, abortua arautzeaz gain, Sexu Osasunerako eta Ugalketarako Zentro bihurtuko dituzte orain arte Emakumeak Artatzeko Gune zirenak. Zentro horietan guztietan normalizatuko da abortu farmakologikoa eta arreta integrala eskainiko dute.
Dekretuak hortaz, sare publikoan abortatzeko aukera ziurtatuko du eta inplantazioa progresiboa izanen da.
Arrazoi medikuak tarteko direnean, amak edo umekiak gaixotasuna dutenean ospitale gunean eginen dira abortoak. Botika bidezkoak direnean, osasun sexualerako egoitza guztietan eta haurdun dagoen emakumeak eskatutako abortoak 14 astera artekoak direnean ere ospitale gunean eginen dira.
Parte hartze prozesu luze baten ostean aurkeztu dute dekretua. 346 zuzenketa aplikatu dituzte, "araua hobetzeko".
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra | news |
argia-f49f5e8c2840 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/frustrazioaz.html | Frustrazioaz | Bea Salaberri | 2016-12-04 | Frustrazioaz
Xilabako finalaren goiza zen, euritsua baina bihotza zohardi, bagenekielako arratsaldeak lau oren zoragarri iragateko aitzakia eskainiko zigula, ez baita maiz gertatzen euskaltzaleen komunio zenbait gertatzea. Euskaldunentzat esklusiboki antolatu ekitaldiaren parada zen, behingoz.
Gaurko egunean dena behar delako elebidun. Bi hizkuntzatan. Batean erran oro, metodikoki, itzuliz. Bai herri mugimenduetan euskararako pausua ematen denean, bai egitura publikoetan hizkuntz politika minimoa eramaten denean eta zerbait euskaraz sortzen. Patologikoa dirudi, patetikoa da. Komunzki araua da afixak, programak, berripaperak, hitzartze publikoak, oro elebitasun orekatuan garatzea eta metodikoki itzultzea integralki. Aldika euskara txarrean berdin, gutxi inporta baitu, euskaraz irakurtzea militantzia hutsa baita. Hitz bakoitzari ematen zaio ekibalentea. Horrela erdaldunak ez du deus huts eginen. Hau da, edozein ekitaldi edo ekimeni buruzko informazioa, nahiz azken hau zuzendua izan euskaldunei bereziki, helduko zaio berari ere. Ez dut uste informazio doblez blai egotea gustuko zaionik nehori, baina gustagarria da euskaldunei erraten zaiena jakitea. Aldiz, segur da ez zaiola erdaldunari neholako frustraziorik sortuko. Ez arrazoi, ez interesik piztuko euskalduntzeko. Gainera euskaldunak, alfertua balitz, jo lezake frantsesera. Eta zoritxarrez hala da. Elkarbizitza ez baita ardura pazifiko eta berdintasunean garatua.
Guk (euskalgintzak) ere elebitasuna defenditzen dugu, aldarrikatzen, pausuka, poliki, existitzeko aukera ematen digulako eta hortik gara gintezkeela sinesten baitugu, gardentasunaren izenean, errazago onartuak izateko, erabileran zerbait aitzinatzeko. Urraska goazkeela, sekulan bizi al gara? Hatsa hartzen? Ala hatsantzen?
Ondorioa da metodikoki bi hizkuntzatan jarri afixa, berripaper eta diskurtsoak ikusteak ez diola erdaldunari neholako frustraziorik eragiten euskara ez jakiteaz; ez du deus, ia, galtzen eta jarrai dezake trankilki betiko diskurtso traumatikoarekin "amatxi le parlait" AEK-ko bidea sekulan hartu gabe. Harago, aberrazioak ere gerta daitezke: bertsoen itzultzea, dena azpi titulatzea. Niregatik hor da koska, gutxitan da zerbait bonusa hiztunontzat eta galera ez dakienarentzat horrela denean; hau da jokamolde eta politika bat, guregana gutxi hurbilarazten duena, frantsesari kalterik egin gabe euskara defendatu nahi duena, euskara zinez baloratu gabe, frantsesaren alde egiten duena.
Aldi oro, sumintzen gara honaino, Hegoaldeko inor menturatzen denean hizkuntzarena auzitan ezartzera. Larunbat goiz hartan guhaurrena zain genuen: Sud Ouest egunkarian egunero idazten du Le piéton famatuak. Nork xuxen? Ez dakigu. Anonimoa da eta ausardia handirako zirrikitua. Xilabaren goizean, pietuna penaturik zen justuki finalerako afixa euskara hutsean izateaz eta hortik erdaldunak ez gonbidatuak ospakizunera, trinko baina tinko, sektarismoa leporatuz. Bat-batean frustraturik beraz eta ondorioz dena pozoi.
Txikikeriak gehiago salatzen du. Ez baita sorpresa, iragar zitekeen. 2011 inkesta soziolinguistikoak agerian utzi zuen euskararen kontrako iritzien emendatzea: deskonplexatzea faltako zitzaien. Auskalo nolakoak jakingabe garen. Dena da bilakaera berean: tarteka nago aitzinatzen garela, gibelka. Pietuna, gaizo puskila, ausartu zen baztertuari baztertzaile deitzera, ozenki; etorriko dira gehiago, ardi larrua erantzirik. Asteburuko pozaz gain, errabia ernatuz. | news |
argia-8d7d6e6e88b3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/mizpirak-udazkena-itulan.html | Mizpirak udazkena itulan | Jakoba Errekondo | 2016-12-04 | Mizpirak udazkena itulan
Galtzen beheko barrena belaunetik txorkatila-eraztuna estaltzera eraman duen eguraldia etorri denetik kanpotik etxerako etorria ugaritu da. Galtza motzen sasoian etxetik kanporako joana gustukoagoa zen. Orain ere nik kanporako norabidea nahiago, baina uztak behartzen du barrurako bidea. Barrura zer ekarriak mugitzen gaitu, aro baita.
Gurera mizpirak ekartzen du itulan udazkena. Egoskor samarra da mizpiraren fruitua, Mespilus germanica . Ez du lurreratu nahi izaten mizpirondoak hostoak erantzi arte. Orduan bakarrak dira arbolaren adarjean, zeru urdinduen argi kontran deigarri. Mizpira koxkorra nabarmentzen saiatzen bada ere ez dira, ez, berehalakoan, eskinosoa eta zozoa berari mokoka hasiko. Zer da mikatza erabat heldu gabeko mizpira! Heldutasuna muturrera eraman eta usteldu gabe umotzeko bi entzima hartzigarri ditu. Hotzaldi batek jotzen badu, entzimak suspertu eta mizpiraren mamia biguntzeko eta gozatzeko bidean jarriko dute. Gain-umotasunak hasia behar du jan ahal izateko. Orduan garatzen du azukre gozoa mamian; sakarosarik ez, baina glukosa eta fruktosa lepo. Sagarrak edo piku lehorrak edo bananak baino azukre gehiago du mizpirak. Orduan bai, orduan hegazti edo gasteropodo, denen gustuko da. Gasteropodo, bai, izan ere haizeteren batek adar harrotik jaulki eta lurrerarazten baditu, bare eta barraskiloek zuzen asko hartuko dute ustel punttua dutenenganako herrestabidea. Berde direnak geroxeagorako geratuko dira. Horiek jan ez ditzaten, etxeratu badituzu, fruituak lehor eta zakar, ez zikoizteko hotzaldi bat eman. Egun bat edo bi izozkailura, gero bertan gozo.
Gu ere animalia izan eta sena erabat alferrik galdu gabea... Eta mizpirak gain-umotasunean ahosabaia betetzen. Jende gehienak, ordea, ez du mizpira ezagutzen, eta "ustelgintzaren" laudorioak entzunda, batek baino gehiagok goragalearen imintzioa egin izan dit. Ipularreko fruitua da mizpira, baztertua dugu. Mizpira aipatu eta jendeari erabat desberdina den beste fruitu bat datorkio burura, mizpira japoniarra deitzen dena, Eriobotrya japonica . Saltokietan ikusten dutena... Baina hori beste sagardotegiko upela da. | news |
argia-0848e2302430 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/kultura.html | Sor lekua hegalez | Itxaro Borda | 2016-12-04 | Sor lekua hegalez
Joan Batista Elizanburu bertsolariaren Txori berriketaria sortan, txoriak sor lekuaren eta erbestearen arteko lotura iruten du. Berriak ekartzen dizkio etxetik urrun, kasik gatibu eta galdua bezala dagoen emigrante gaizoari. Zortzi kopla dira, soinu herrikoi lasai eta sakonak zurkaiztuak. Zenbaiten ustean saratarrarena izan liteke melodia ere. Dena delakoan, abesten direnean zirrara erromantikoak betetzen gaitu, begiak hezetzeraino.
Euskaldunok jendalde malenkoniatsuak gara. Herrian bertan gaudenean ohiturek, paisaiek edo hizkuntzak, besteak beste, bihotzak handitzen dizkigute. Urruntzen garenean aldiz, herria dugu ments, bere argi eta ilunekin. Arrantza dela, artzaintza, urrea bilatzea, lanbide arruntagoak, politika arazoak eta gaurko egunean berriz gazte ikasien langabezia, beti ukan dugu aitzakia bat herritik partitzeko.
Sor lekua utziz geroz
ondikotz hala beharrez
Jainko ona urrikaldu
da beti ene negarrez.
Primadera hasi orduko
arbolak estaltzen lorez
xoritto bat heldu zait beti
ene herritik hegalez.
Amak, sukaldean ogi-zakuak konpontzen ari ginela, kantatzen zigun: Parisen ikasia zuen bigarren mundu gerra ondoko bere sehi denboretan. 1999an Elkar argitaletxeak plazaratu zuen iparraldeko hogeita bost izarrek moldatu Elizanbururen lanekiko diskoa eta Txomin Artolak, Beñat Axiarik eta Frantxua Irigoienek ematen zuten Txori berriketaria , Maddi Oihenartek Doi albumean beretu zuena duela gutxi, Jeremy Garaten laguntzarekin.
Joan Batista Elizanburu Saran sortu zen 1828an eta herioak eraman zuen 1891. urteko lehen egunetan. Bertsolaria zen, ikaragarria, paperetan, sekula plazetara atera gabe. Pauen argitara eman zuen Piarres Adame (1888) nobela kostunbristaren idazlea zen: egiazko irri zaparta osasuntsuaren dasta oparitzen zigun lapurtera lorios batean. Larresoroko seminarioan apez gai egonik Zaldubi ospetsuarekin batera, armadan sartu zen, hondarrean epaile ibiltari gisa ezagun egin zen Lapurdin zehar.
Neregana hain urrundik
etortzean unatua,
Arbolarik hurbilena
du bere pausa lekua.
Aldaxka goren-gorenean
horra non den lokartua
Lumapean zango bat eta
hegalpean du burua.
Txoriak bakearen irudia ekartzen dio poetari. Jakin behar da Elizanburu, 1870ean frantses armadako kapitaina, preso geratu zela Metz aldean alemanen eskuetan. 1871n libratu zuten, Napoleon III.a erori zenean. Sarara itzuli zen. Txori berriketaria pixka bat lehenago izkiriatua zuen, aurreko larrazkenean hain zuzen. Hitz bederak urruti minaren oihartzunak dakarzkigu.
Anton Abadia Urrustoik 1871n Saran antolatu Lore Joko etan irabazi zuen Elizanburuk sari potoloa. Donibane Lohizuneko Doiharçabal izengoitiarekin aurkeztuak zituen 1869an. Luzaz uste izan zen gainera kopla hauek Martin Guilbeau erudituarenak zirela, berak, 1897an Elizanbururi omenaldia egin zitzaionean Saran, auzia argitu zueneraino.
Kantak, berehala, gaitzeko arrakasta ukan zuen. Hegoaldean, Karlistaldietatik landa, foruak kendu zirenean, jendeak Ameriketara joaten hasi ziren oldean, halaber Iparraldean, frantses iraultzaren ondotik aterabide askorik ez zegoelako hemengo gazte eta adinekoentzat. Erran dezadala zortean tiratutako mutikoentzat orduan soldadutzak bost urte irauten zuela eta erbestea salbamena zela askorentzat.
Oroit hadi bai txoria
herri maiteko berriez.
Nere aita, nere ama,
negarretan nik utziez.
Mintza hakit ahaidez eta
mintza lagun on hekiez:
Mintza nehor ahantzi gabe
maite ninduten guziez.
Hemeretzigarren mende bukaeran eta hogeigarrenaren hasieran Euskal Herri osoan metodikoki marraztuak ziren migratze bideak. Donibane Garazin adibidez, Charles Iriarten konpainia ezaguna axolatzen zen Kalifornia, Idaho, Wyoming, Arizona edo Nevadarako ibilaldiaren zertzeladez, tren eta ontziko txartelak, paperak, pasaporteak, baimen ezberdinak, batzuetan bidaietako jantzi, puska eta maletak eskaintzen zituela. Urrutiko zedarrien ametsak milaka kide ilusitu zituen: Ameriketan, agudo eta erraz, aberasten omen zen. Bizitza erreusitu zuten amerikano belaunaldi berriez mukurutu ziren herriak. Besteak eremu desolatuetan sustraitzen ziren esperantzaz desesperatzen, ohorearen izenean ezin etxera itzuliz.
Mauleko Ikertzaleak elkarteak hilabete parea duela aztertu zituen Atharratzen zabortegi baten maldan kausitu Alexis Vigné (1855-1915) enpresaren kaierak : Zaraitzutik, Aezkoatik, Erronkaritik, Basabürütik, Pettarretik, Amikuzetik edo Oztibarretik Argentinara, Txilera, Uruguaira joan nahi zuten emazteen eta gizonen zerrendak ikusgarriak dira, lur hauen odol galtze humanoaren neurriaz jabetzeko. Arrazoi ekonomikoak oinarrian, bistan dena, baina baita abentura tirria ere, eta zergatik ez, herri txikietako kontrol lehergarritik ihes egiteko desira.
Atzar hadi, atzar bada
berriketari abila:
Nere beldur izan gabe
jaits hadi hurbil-hurbila.
Erran, leihora izan haizen,
erradak isil-isila,
Izan ere hunatekoan
solas-ordainaren bila.
Etxeak husten irudikatzen ditugu, anai-arreba kordelak hegaldatzen Elizanburuk hain ederki azaltzen digun txoriaren gerizan. Lehen sortua baserrian gelditzen zen, bigarrena apez joaten, besteak soldadu edo serora, gainerakoak emigrazio agenteen hazkurri bihurtzen zirela. Migrazioak betidanik jende-trafiko emankorrak izan dira. Gurean ere.
Saratarraren txoria zein motatakoa zen ez dugu nehoiz jakingo. Zehaztasunik gabeko hegaztia poetaren leiho hegira, kartzelako barroteen erdira ala haize hotzak erraztatu basamortuaren mineko borda zatarrera hurbiltzen da, itxuraz baketsua, indarrean emankorra, abila bezain ahula, umila, baina itsasoak, mendiak edo hiri guneak trabeskatu ditzake etxeko berriak ekarriz moko artean:
Pausa hadi, lo egizak
txori maitea bakean!
Atzarriak hi hire zain
hemen nauk hire aldean.
Ur xortarekin hona hemen
papurrak leiho gainean,
Baina gero hango berriez
oroit hadi atzartzean!
Txoriak, arras hautsia dabilen bertsolariaren ustez, ez du deusen beharrik, airea, kantatzeko dohaina, bihi pare bat eta zeru zabala hegaldatzeko. Jendea alderantziz ez da horrela: gose dabil, hausnarrean marmaraz, arranguratua, xifritua ez duelako inoiz aski dirurik, funtsik, botererik, ohorerik, jakintzarik. Poetak, agian, bere baitan txoriaren nortasunaz jabetzeko gutizia gordetzen du:
Jainkoaren ontasunak
ez hau ahantzi xoria.
Non nahi kausitzen duk
aise hire janaria.
Zer behar duk? Ur xortatto bat,
bihitto bat edo bia,
Ordainez duk alegeratzen
kantaz hik oihan guzia.
Emigrantea, kartzelatua ala bizitzak bakartuarentzat txoriaren hegaldiak premiazkoak dira. Lo dagoelarik gertakaririk hitsenak irudikatzen ditu, makurrik latzenak oinarrizko euskaldunon pesimismoaren ildotik. Postariaren pare, mezulari lana egiten du hegaztiak, mundu osoko posta enpresa askoren ikurra delarik txoria:
Xoria, lo hagolarik,
ikaran nago aidean;
Ez ahal da zorigaitzik
maite nautenen artean.
Hala balitz, otoi xori,
berriz herrira heltzean,
Loretto bat negar batekin
pausa zak tinba gainean.
Urepeleko Xalbador rek Ameriketarako jende-isurien maldizioa luzatu zion semeari igorri bertso izugarrietan 70eko hamarkadan: lana hemen sortuz gero nehork ez zukeen gehiago herria uzterik:
Zintzoki jarraik hadi
hi hire bizitzan
Ni baino aita hobe
izaiteko gisan
Hire semeak ez dezan
joaiterik izan…
Elizanbururen bertsoek uhertzen gaituzte egundainokoan: alabaina, nork ez du erbestearen dasta mikatza aho zokoan eduki hondar mendeotan Euskal Herrian? Migratze uhin handiak dituzten herrialde orotan hautematen dira nostalgiaz, herri-minez, joan-nahiaz eta txori zoharrez hanpatu abestiak. Bideak hargatik ez dira seguruak eta lanjerrez beteak dira.
Xorittoa joan denean
hostoen eror denboran
berriz etor ez dadien
nago beldurrez ikaran.
Ihiztaria hartzen baduk
ene xoria segadan,
Utzak, otoi, gaixoa libre
berriak ekar detzadan. | news |
argia-0d51ca5ed11a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/amaiera-oneko-anne-frank.html | Amaiera oneko Anne Frank | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-12-04 | Amaiera oneko Anne Frank
Amsterdam, 1942ko uztailaren 9a. Anne Frank eta bere familia etxe baten atzeko aldean ezkutatu ziren naziengandik. Ordurako, Rotterdamen Carry Ulreich ere ezkutuan bizi zen familiarekin. Guztira 30.000 judutik gora ezkutatu ziren Herbehereetan alemaniarren okupazioak iraun artean, eta gehienak, 25.000 inguru, onik atera ziren beren ezkutalekuetatik. Carry Ulreichek, Anne Frankek bezala, egunkari batean idatzi zituen hiru urtez ezkutuan bizitakoak. Eta berriki egunkaria lehenengoz argitaratu da 's Nachts droom ik van vrede (Gauez bakea amesten dut) izenburupean.
Carry Ulreich Anne baino bi urte eta erdi zaharragoa zen, 16 urte zituen ia. Ulreich familiak Polonian zuen jatorria; Frank familia, aldiz, Alemaniatik zetorren –Anne bera jaio ondoren joan ziren Herbeheretara–.
Biek zituzten haiek ezkutatzen laguntzeko eta, ondorioz, bizitza arriskuan jartzeko prest zeuden bizilagunak. Baina Frankdarrek, "atzeko etxean" sartuta, ez zuten laguntzaileekin ia harreman zuzenik. Carryren familiako kideek, berriz, etxea partekatzen zuten Zijlmans familiarekin. Anne Frank, judua izanik ere, ohitura lasaiagoko inguru liberalean hazi zen. Carry eta familia judu ortodoxo zorrotzak ziren, eta etxean hartu zituzten Zijlmanstarrak katoliko praktikanteak. Hala, bi familien arteko eztabaida eta hausnarketa teologikoak jaso zituen Carryk, baita talka horrek ezkutuko egunerokotasun estuan eragiten zituen arazo eta zalantzak ere. Esaterako, Carryk bere buruari galdetu zion zergatik ezin zuen jan bizilagun katolikoek jaten zuten berdina, kosherra edo juduei egokitua ez zen otordua lehenengoz egin zuenean: "Gaur untxi errea gurinarekin afaldu dugu (...) lehenengo aldia da tefra jaten dugula, eta azkeneko aldia izatea nahiko nuke". Baina berehala egunkariari aitortu zionez: "Egia esan, oso ona zegoen. Oilaskoa ematen zuen. Zergatik ezin dugu horrelakorik jan?".
Talkak talka, Zijlmans familiaren ahalegina eta eskuzabaltasuna aitortu zuen eskerronez. Etxeko gela nagusia, leihoduna, utzi zietela idatzi zuen eta "haiek pataten txokoan itxian" lo egiten zutela.
Ñabardura horiekin guztiekin ere, bi nerabeen bizipenak berdintsuak izan ziren naziengandik ezkutuan izan ziren bitartean. Amaiera, ordea, oso bestelakoa izan zuten bi historiek. Anne Frank tifusak hil zuen 1945eko martxoan, Bergen-Belsen esparruan. Carry Ulreichek 90 urte bete berri ditu azaroan. n | news |
argia-8a869219258a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/irakurleak-galdezka.html | Irakurleak galdezka | Jakoba Errekondo | 2016-12-04 | Irakurleak galdezka
Kaixo Jakoba. Baratzea txomin-belarrak irentsia daukat, hamaika aldiz jarri naiz balde batera landare honek sortzen dituen bulboak botatzen baina alferrik. Landare altuei arazo handirik ez die sortzen baina barazki baxuenei ez die hazten uzten. Zer egin nezake?
Asier Alcedo (Ortuella)
Kaixo Asier. Txomin-belarra, Lekeitio-belarra, Bermeo-belarra, barrabas-belarra, barrabasa, potox-belarra, potro-belarra... Zenbat izen ote ditu belar honek? Denak belar txarra edo gogaikarria dela adierazten dutenak. Izen zientifikoa Oxalis latifolia du. Oso zaila da baratzetik kentzea, erabat kentzea ezinezkoa dela esango nuke. Herbizida kimikoak erabilita lurra erabat kutsatuko duzu eta denbora luzez bertan sortutako ezer ezin jan. Rotabatorra da bere lagun handiena, aipatzen dituzun lurpeko erraboiltxoak ebaki eta zabaltzen ditu. Nik uste dut barrabasarekin ezikusiarena egin behar dela eta ugari dagoen tokietan landare altuagoak izango direnak jarri eta ttikiak jartzeko edo haziak egiteko lur garbia erabili. | news |
argia-e6445c61c9c2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/argiaren-harpidetza-eredu-berria.html | Indartu dezagun indartzen gaituena | ARGIA | 2016-12-04 | Indartu dezagun indartzen gaituena
ARGIA iritsi dadin Euskal Herrian gertatzen diren gai gehiagori jarraipena egitera eta jende gehiagori ahotsa ematera, proiektua gehiago indartu nahi dugun jendea bagara. Nola indartzen dugu ARGIA? Ekarpen ekonomikoa egingo duen jende gehiago lortuta eta norberak, bere aukeren barnean, ahalik gehien jarrita. Diru ekarpen horiek zuzenean proiektura bideratzen ditugu: langile guztiok soldata bera dugu eta enpresaren urteko emaitza ekonomikoak proiektuan berrinbertitzen ditugu.
Jendearen babes ekonomikoa handitzeko, gure gurea den harpidetza eredua egokitu dugu eraikitzen ari garen mundura, gure betiko logika eta balioei eutsiz.
"Harpidetza sistema berri bat, produktuari lotutako prezio zehatz bat gabe? Bakoitzak ahal duena jarriz eta nahi duena jasoz? ARGIAko hauek burutik jota daude", entzun diogu bati baino gehiagori.
Logika kapitalistatik irteten dela produktuaren prezioak alboratu eta proiektuaren atxikimendua bilatzea? Jasotzen duzun produktua eta egiten duzun ekarpen ekonomikoa bereiztea? Jendeari ahal duena ordaintzeko aukera ematea? Bada bai, baina ARGIA proiektua ia ehun urtean garatu bada, ez da logika kapitalistari esker izan. Dirutan ordain ezinak diren balioak bultzatzeko gure dirua jartzen dugun jendeari esker iritsi gara hona. Alde horretatik ez dakar ezer berririk. Zein da gakoa, orduan? Dirua jartzeko motiboak argiago erakustea eta ekarpen denak hartzea: gehiago eman nahi dutenena eta gutxi eman dezaketenena. Proiektu honek merezi duela uste dugunok, oraintxe dugu ARGIA indartzeko aukera.
Betiko logika eta jendea, gaurko proiektua
"Gu betidanik gara harpidedunak, eh!", edo "bazkidetza egin berri dut" edo "zu ere ARGIAkoa zara?"... bakoitzak bere hitzekin adierazten du ARGIA proiektua martxan egon dadin dirua jartzen duela. Inplikatzen dela.
1980tik ARGIAren biziraupen modua izan da astekaria eta Larrun hilabetekaria jasotzearen truke herritarrek urteko kuota ordaintzea.
Urteekin, asko aniztu dira ARGIAk egiten dituen kazetaritza lanak, ordea: webgunean egunerokoari lotutako informazioa lantzeaz gain, eduki guztiak jartzen ditugu libre eta doan euskarazko lanak ahalik gehien zabaldu daitezen; sare sozialetan bizi ari gara eta hortik gazteak eta irakurle berriak etortzea lortzen ari gara; Interneten euskarazko ikus-entzunezko lanen bildumarik handiena (2.100 bideotik gora) ari gara jartzen herritarrok erraz topatu ditzagun; bi astez behin ingelesera itzuli eta zabaltzen dugu gure erreportajeetako bat Euskal Herriaren berri Euskal Herritik eman dadin (agentzia handien menpekotasunik gabe)...
ARGIAren balioak sustatzeko egiten diren lan horiek denek zer dakarte? ARGIAk herritarren eta euskararen onurarako egiten dituen lan asko ez direla merkatuaren legeetan prezioa duten "produktuak". Eta bestetik, badirela ARGIAk egiten dituen lan horiek baloratzen dituzten eta ekarpen ekonomikoa egin nahi duten lagunak, papereko edukirik jaso gabe.
Nola egokitu betidanik dugun harpidetza eredua egoera berri honetara?
Harpidetzaren muinari eutsita. Alegia, ulertuta ARGIA proiektu osoa dela gure ekarpen ekonomikoarekin eusten duguna. Beraz, orain arte astekariaren prezioari lotua egon den harpidetza kuota, aurrerantzean proiektuari egongo da lotua. Astekaria etxean jaso edo ez, alegia, "harpide" izan edo ez, ARGIA proiektuaren alde dirua jartzen dugun denak gara ARGIAkoak: "ARGIA jendea", Xamarren "euskara jendea"-ri keinu eginez.
Zenbat jarri behar dut orduan? Bakoitzak bere erako parte-hartzea
Lasai, sozio estimatua. Zuk ezer jakinarazten ez diguzun artean, beti bezalaxe mantenduko dugu harremana: urtean 148 euro jarri (alegia, hilean 12 euro irteten da) eta astero astekaria, hilero Larrun eta otsaila hasieran Gakoak urtekaria jasoko dituzu etxean –80 euro jartzen dutenek hamabostero jasotzen dute astekaria, eta 42 euro jartzen dutenek hilero–.
Horrela nahi dugunok, ordea, orain dugu aukera ARGIA komunikazio proiektuari ematen dioguna eta bertatik jasotzen duguna gure bizimodura egokitzeko. ARGIAk astekariarekin batera egiten dituen beste kazetaritza lan horiek eta betetzen dituen funtzio horiek indartzeko, zer emateko prest dago norbera? Eta zer da ARGIAtik norberak gustura jasotzen duena? dena? astekaria? Larrun eta Gakoak? Interneta aski?...
Elkartasun oinarria: Betidanikoa
Ez dira garairik xamurrenak. Asko eta asko dira azken urteetan hau esan diguten gazteak: "Nire lehenengo soldatarekin ARGIAko harpidetza egingo dut". ARGIAn beti ahalegindu gara egoera ekonomiko zailenean dauden herritarrek irakurtzeko modua izan dezaten. Badakigu jendeak eusten duela jendea momentu zailetan. Eta bizitzan badirela hartzeko eta emateko garaiak. Denok nahi dugu ahalik eta gazte gehienek ARGIA irakurtzea, biharko egunean eurek ere beren ekarpenarekin ARGIA proiektua eutsi dezaten. Eta denok ados egongo gara, urteetan bere ekarpenarekin ARGIA proiektua eutsi dutenak ezin ditugula ARGIAtik kanpo utzi, langabezian geratu direlako edo larrialdi ekonomiko bat duten orduko –gaur gaurkoz, egoera ekonomikoagatik harpidetza eten beharrean aurkitu diren urte askotako zenbait kideri, urtebeteko harpidetza doan bidaltzen ari gara–.
Konfiantza da harremanen, eman eta hartuaren oinarria. Honezkero ezagutzen dugu elkar eta konfiantza dugu, bakoitzak ARGIA baloratzen duen moduko ahalegina egingo duela, diru ekarpena egiterakoan. Badakigu zintzo eta arduraz jokatzen dugula ARGIA proiektuari eusteko ekarpen ekonomikoa egiten dugunok. Azken pagotxaren bila dabilenak, aspalditik du Interneten dena doan. Proiektu honetan dirua jarriko duen jende gehiago lortzea, eta norberak bere aukeren barnean ahalik gehien jartzea da ARGIAren helburua. Horrela, egun heltzen ez garen eremu eta gaietara heltzeko bitartekoak izango ditugulako.
Informazio gardena, konfiantzaren oinarria
ARGIA indartzeko jendeak konfiantza eta dirua jar dezan, gakoa dira, noski, etengabe ahalik eta kazetaritza lanik onena egitea, eta bestetik, jendeari argi komunikatzea berak jarri duen diru horri esker zer egitea lortu dugun. Astero Komunitatea orrian Itsaso Zubiriak kontatzen du ARGIAn zer egiten ari garen, nola eta zergatik. www.argia.eus-en ARGIAren barrenak blogean ikus dezakezu noiznahi.
Horrez gain, ARGIAkook urtero gutun bidez jasoko dugu egindako lanen eta diru kontuen berri. Eta edozein galdera duzula, zuzenean jo dezakezu hona: 943371545 zenbakira deituta (Iraitz Agirrek bideratzen ditu ARGIAkoon arteko harremanak) edo [email protected] idatzita.
ARGIAren indarra jendea da
Oso pozik gaude azken urteetan gero eta ARGIAko jende gehiago garelako. ARGIA gora doa. ARGIA indartsu egiten duena, bere oinarri soziala da. Jendea. Astekaria zenbat eta esku gehiagotatik pasa, sare sozialetan zenbat eta artikulu gehiago partekatu, tabernako elkarrizketetan zenbat eta gehiagotan aipatu, orduan eta eraginkorragoa da ARGIAren lana. Eta ARGIAn zenbat eta jende gehiagok jartzen dugun dirua, orduan eta indartsuagoa da proiektua: gauza gehiago eta hobeak egiteko gaitasuna irabazten dugu eta etor daitezkeen erasoen aurrean hobe erantzun dezake. Horren adibide dugu Mozal Legea aplikatuz, Espainiako Estatuan lehen kazetariari (kasualitatez, ARGIAkoa) jarritako isuna. Isuna ez ordaintzea eta lege injustu eta ez-legitimo hau epaitegietan ere borrokatzea erabaki dugu. Horrelako erasoen aurrean ARGIAren indarra jendea dela irudikatzen duelako, azal hori poster eginda jasoko dugu ARGIAko guztiok, Durangoko Azokan.
Beraz, inguruan ARGIA zaleren bat badugu, oraintxe du ARGIAkoa egiteko garaia. Bere ahalen neurriko ekarpena eginez, bere gustuko formatua jasoz. Durangora bazatoz, pasa ARGIAren mahaitik, posterraren aitzakian. Elkar ezagutzeko desiatzen gaude.
ARGIAren indarra jendea da. Eta jendeontzat, informazio kritikoa jasotzeko, egiten diren ekimen interesgarrien berri izateko, mundutik datorren albiste zurrunbiloaren aurrean balio batzuen gainean kokatzeko, eguneroko bizitzatik balio horiek bultzatzeko, txikitik eragiteko... ARGIA tresna dugu. Indartu nahi, indartzen gaituena? | news |
argia-35e55b6a3ba7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/sentimenduen-zurrunbiloa.html | Sentimenduen zurrunbiloa | Xabier Etxaniz Erle | 2016-12-04 | Sentimenduen zurrunbiloa
Gaur egungo gaztetxoentzat Txopo ez da oso ezaguna izango, eta agian, bitxia egingo zaie liburuaren azalean Athletic taldeko atezain baten irudia (kromo bat) agertzea. Kontua da Arostegik 1975ean giroturiko istorio bat kontatzen digula liburu honetan, eta zeharka bada ere, Iribar atezainak paper garrantzitsua duela bertan.
"1975eko urtarrilaren 17an, Hugo, nire lagun minetako bat, hiltzear zegoela jakin nuen. Data ongi baino hobeto oroitzen dut. Hamar urte bete nituen egun hartan". Horrelaxe ekiten dio Arostegik liburu honen kontakizunari; lehen pertsonan narraturiko istorioa eta hamar urteko narratzailea, mutikoa, protagonista duela. Jonek Hugorena jakitean sentitzen duen tristura eta pena laguna bisitatzeko gogoarekin batzen dira. Horrela, Andoni eta Txirurekin joango da Gurutzetako ospitalera, laguna ikustera: "Argalago zegoen. Larruak kolore histua zeukan eta begiek lehenagoko distira alaia galdu zuten".
Irakurleak, liburuko kontakizunaren tonuagatik, nabari dezake heriotzaren presentzia, lagunen galerarena, baina baita haurren ausardia eta inozentzia ere.
Hugok, lagunak agurtzean, honako komentario hau botatzen du: "Nire ametsa Iribar bezalakoa izatea zen, Athleticeko atezain, eta pena pixka bat ematen dit bera ezagutu gabe hiltzeak. Seguru nago gizon jatorra dela".
Hiru mutikoak burumakur ateratzen dira laguna ospitalean hain larri utzita; eta bueltaka ibiliko dira Hugori alaitasuna edo pozen bat nola eman, harik eta gaztetxoaren ametsa egia bilakatzeko bideari ekiten dioten arte. Hugok Iribar ezagutu behar du.
Eta hortik aurrera, egoera eta testuinguru horretan bada ere, badirudi egileak abenturazko nobela batean sartzen gaituela. Nola atera Hugo ospitaletik eta Lezamaraino eraman (protagonistak haurrak dira, hau da, diru gutxi dute, eta gainera, 1975ean gaude).
Irakurlea harrapatuta dago mutikoen abentura horretan; etsipen eta errealismo puntu batekin bereganatzen ditu protagonisten asmoak, horiek hutsean geratu baitira ospitaletik irtetean. Gurasoek, baita Hugorenek ere, haserretu beharrean eskerrak ematen dizkiete mutikoaren baitan sortutako poz uneagatik. Jonek, Andonik, Txiruk eta Sarak orduan, beste ideia bat dute. Iribar bera joan dadila Hugo bisitatzera, horretarako atezainarengana iritsi beharko dira eta azaldu Hugori gertatzen zaiona eta mutikoaren desioa.
Gaizka Arostegik aurretik ere erakutsi digu istorioak eta abenturak kontatzeko duen abilezia, eta oraingoan lortzen du irakurlea sentimendu eta gora-beherez beteriko nobela honetan harrapatzea. Sentimendu mota askotakoak, lagunaren galera, baina baita maitasun, etsipen edo lortutakoagatik poza ere. Eta hori dena ekintzez beteriko zurrunbilo batean; gertakariak ondo ez atera arren, apurka eta harietatik tiraka helburua lortu arteko zurrunbiloa. Ekintzen eta sentimenduen zurrunbiloa. | news |
argia-5bb76f68ef95 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/alfredo-lakuntza-mra-etxegileak-kaltetua.html | Goizetik gauera olio saltzaile bihurtu zen etxegilearen iruzurra | Eider Madina Berasategi | 2016-12-04 | Goizetik gauera olio saltzaile bihurtu zen etxegilearen iruzurra
Alfredo Lakuntza Vicario naiz, 38 urteko iruindarra, eta beste hamalau lagunek bezala, dirutza galdu dut MRA Miguel Rico y Asociados Promocion S.L. enpresa etxegilearen erruz.
2011n etxebizitza babestua erosi nuen Iruñerriko Erripagaña auzoan. Urtebetera, langabezian gelditu eta etxea ordaindu ezinik ibiliko nintzela ikusita atzera egitea erabaki nuen, baina MRA taldeko higiezinen enpresak ez zidan salerosketari uko egiten utzi.
Beste hainbat erosle egoera berean zeudela ikusita auzitara jo genuen. Epaiketaren erabakia ezagutu artean bizilagun bakoitzak 30.000-40.000 euro ordaindu genituen sarrera gisa.
Iaz Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia gure aldekoa izan zen. Baina, etxebizitzaren kontratua bertan behera utzi eta MRA enpresari zorrak ordaintzeko eskaria egin zionean, hartzekodunen konkurtsoan sartu zen; filiala desagerrarazi eta izenez aldatu zuen (Innoliva abizena gehituz), galerak eta ardurak saihesteko.
Oliba olioaren negozioan sartu da MRA enpresa, eta haien Iruñeko egoitzan, eraikuntza-enpresaren bulegoa zegoen lekuan, gaur egun olio botilak saltzen dituzte. Iraingarria da dirurik ez duela argudiatu duen enpresa batek inon diren zorrak utzi eta leku berean, langile berberekin, beste negozio bat ireki eta ezer pasako ez balitz bezala jarraitzea.
Bestalde, babes ofizialeko etxebizitzak diren heinean, Nafarroako Sustapen Departamentuak diru-laguntzak banatu zituen, baina ez erosleen artean, baizik eta zuzenean MRAri emanda. Bada, orain, Sustapen Sailak eskatzen digu diru hori bueltatzeko, atzeratutako interesen gainkostu eta guzti. Hori gutxi balitz, Ogasun Departamentuak urte hauetako errenta aitorpenean desgrabatutakoa ere eskatu digu.
Ate asko jo dugu laguntza eske, baina ohartu gara agintean daudenek ezer gutxi egiten dutela banketxe eta promotoreen aurka. Legea haien mesedetan erabiltzen da, ez herritarrak babesteko.
Gainera, jakin badakigu Nafarroako hainbat politikarik harremana izan duela enpresa talde horrekin. Esaterako, Luis Zarraluqui egungo UPNko parlamentari eta orduko Nafarroako Sustapen sailburuak ez zituen epaileen eta Arartekoaren eskariak aintzat hartu. Bada, Zarraluqui jauna MRAko zuzendari teknikoa zen enpresa horri diru-laguntza publikoak eman zitzaizkionean.
Saldu gabeko etxeak banketxeen esku geratu dira, nahiz eta etxeen %20 guk ordaindua den. Hortaz, Nafarroako Gobernuari eta Nasuvinsa Etxebizitza Kudeaketarako Sozietate Publikoari bitartekari lanak egin ditzatela eskatu diegu. Eta etxebizitzak erostea posible denean, eroslehentasun eta atzera-eskuratzeko eskubideak aplika ditzatela (10/2010 Foru Legeko 49. artikulua). Horrez gain, banketxeek etxebizitzak saltzen dituzten kasuetan sarrera gisa ordaindutakoa itzultzeko exijitzen dugu; etxebizitza sozialekin banketxeek etekinik atera ez dezaten.
Aldaketaren Gobernuari ere kritika egin behar diot, haiengandik beste jarrera bat espero nuelako, eta ez haien aurka epaiketetan jarraitu behar izatea.
Urte hauetan etxerik gabe egoteaz gain aurrezkiak galdu ditugu, alokairuan bizitzen egon gara eta, beraz, horren gastua ere gehitu behar zaio, hala nola, epaiketa eta abokatuetan utzitako dirua eta denbora. Baina, batez ere, lau urtetan pasatako sufrimendua eta kezka azpimarratuko nituzke. | news |
argia-8dcf2b79c949 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/eusko-jaurlaritza-berriaren-austeritate-neoliberala.html | Eusko Jaurlaritza berriaren "austeritate" neoliberala | Juan Mari Arregi | 2016-12-04 | Eusko Jaurlaritza berriaren "austeritate" neoliberala
Ez da ohikoa txoko honetan PSE eta EAJren arteko paktu politikoa edo antzekoak aztertzea, baina akordio horren osagai sozioekonomikoei azpimarra jarri nahiko nieke.
Hasteko, harridura sortzen du aurreko agintaldian Urkulluren Gobernuak zortzi sail izatea eta oraingoan hamaika. Lehendakariaren soldata (98.494 euro) eta bere sailburu, goi kargu eta aholkulariena, orotara 358 pertsonen nomina dira eta diru-kutxa publikotik urtero 23 milioi euro bideratzen dira horretara. Orain, hiru sail gehiagorekin eta euren sailburuordetza, goi kargu eta aholkulariekin, zifra globala 30 milioitik gora igoko da.
Hori da EAJk PSEri ordaindu behar izan diona inbestidura saioko bere babesagatik: sozialistei jaten eman –garbi dagoenean hauteskundeetan maldan behera doazela–, baina aldi berean eurak ere jaten segi, bere zortzi sailak mantenduz. Beste kontu bat litzateke EAJk egoera berriaz jabetuta bere sailetako nominak murriztu izan balitu. Baina ez du halakorik egin. Nik, EAJk, nireak mantenduko ditut eta gainera beste hiru ireki PSErentzat. Hori bai austeritate eredua, prekarietatean, langabezian eta bazterkerian bizi direnen aurrean.
Akordioaren eduki sozioekonomiko eta fiskalari dagokionean, ezer gutxi esan daiteke, xehetasunera jotzen ez duten printzipioak baitira. Borondate ona adierazten duten aitortzak baino ez. Eta badakigu, duela aste pare bat aipatu genuen bezala, EAJren arima neoliberala dela; baina PSEren sozialdemokraziak ere horren antza handia du. Horixe erakusten du zortzi sailetik hamaikara igarotzeak. | news |
argia-2a59138525b1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/hondarribia.html | Hiztegi herrikoia osatzeko Facebookideekin blagan | Mikel Garcia Idiakez | 2016-12-04 | Hiztegi herrikoia osatzeko Facebookideekin blagan
Kapen, blagan, billaba, txotxua hitz arruntak dira Hondarribian. Herriko hitz eta esamoldeak, ohikoak eta ez hain ezagunak, biltzen hasi zen Ketxus Ponce, jolas modura, eta 800 baino gehiago ditu dagoeneko. Facebookeko Honddarbiko hitzak orrialdean osatzen doa Hondarribiko euskararen artxiboa, jendeak sare sozialean bertan egiten dituen ekarpen, ñabardura eta eztabaidek aberastua.
Argurian (tertulian) izan gara Ketxus Poncerekin, egin poroiuan (ekinaren ekinez) lortu duen bilduma txol (oso) oparoaz mintzatzeko, erronkari urte luzez itxeki (eutsi) baitio hondarribiarrak. Bide batez, ikusi duzun moduan, herriko hitz ugari ikasi ditugu berarekin. Fernando Artola "Bordari" idazle hondarribiarrak herriko euskararen inguruan egindako hitzaldi batetik hartutako adibideekin, hitzak eta haien esanahiak argitaratzen hasi zen Hondarribia herri aldizkaria, 80ko hamarkada bukaeran. Ponceren eta lagun baten interesa piztu zuen ariketak, eta erabaki zuten ingurukoen mintzaira arretaz aditzea: "Behin belarria horretara jarrita, bestela oharkabean pasako litzaizkidakeen hitz berezi asko entzuten hasi nintzen, edozein esparrutan: bizilagunen bileran, kaleko poteoan, Txomin Artolaren kantetan, jende helduari honetaz eta hartaz galdetuta… Iturriak asko ziren eta nik dena koadernoan idazten nuen. Zertan ari nintzen zabaldu zenean, dozena bat herrikide hasi zitzaizkidan hitzak eta esaldiak proposatzen, posta bidez, ahoz… Jesus Mari Mendizabal 'Bizargorri' idazleak ere, nire Euskara irakasle izandakoak, ariketa bera egina zuen Hondarribira bizitzera etorri zenean; bere zerrenda pasa zidan eta nirera gehitu nuen. Pixkanaka, altxor handi bat biltzen ari nintzela konturatu nintzen".
"Arrastola (eskuarea) jarri nuen Facebooken, eta arrastelua dela erantzun zidaten. Halakoetatik ikasi dut iturria apuntatzearen garrantzia, hitza nork, non, zein testuingurutan… erabili duen"
Eta altxorra partekatzeko, 2009 urte inguruan orria sortu zuen Facebooken. Pilatzen doan material guztia erregistratuta uzten joateko modua da; "800 hitz baino gehiago ditut, baina hau amaigabea da". Eta aldi berean, 1.620 jarraitzailetik gora ditu Facebooken, hiztegi herrikoia osatzen eta fintzen laguntzen diotenak. Honddarbiko hitzak da orriaren izena, herria bera izendatzeko aldaera bat baino gehiago baitute bertan: "Hondarribi eta Honddarbi dira ohikoenak, nik neuk biak erabiltzen ditut, testuinguruaren arabera. Batzuek ez dute Honddarbi gustuko, garai batean irundarrek hondarribiarrak iraintzeko erabiltzen zutela argudiatuta, baina herritarrek izena bere egin badute, eztabaida antzua iruditzen zait. Guri bikingo deitzea ere iraina zen aspaldi, eta gaur egun hondarribiar ugarik dio bikingoa dela, harro asko".
Batzuetan aktiboago dago Facebookeko orria, bestetan lo, Ketxus Poncek berak eskaini diezaiokeen denboraren arabera. Orain, gogotsu ari da eta hitz gehiago jarri berri ditu sare sozialean, Ahotsak.eus webguneko elkarrizketetan entzundakoak. Hitza idazten du, alboan argazki bat eta definizioa gaineratzen ditu lagungarri, eta baita hitza bere testuinguruan kokatzeko esaldiren bat edo beste ere. Jendeak iruzkinak uzten ditu, haien etxean hitzak beste ahoskera bat duela, halako esamoldetan erabiltzen dutela, inguruan beste adieraren batekin entzun dutela… "Lehengoan adibidez arrastola (eskuarea) jarri nuen, eta Facebookide batek erantzun zidan ezetz, arrastelua dela. Halakoetatik ikasi dut iturria apuntatzearen garrantzia, jakiteko entzundako edo irakurritako hitza nork, non, zein testuingurutan… erabili duen. Orain hitzaren ondoan iturria idazten dut, eta horrek sinesgarritasuna ematen dio jasotakoari, bestela nik asmatua dela eman dezake".
"Ilargiari, goizeko koloreari, haizeari… adi zeuden arrantzaleak eta hori guztia izendatzeko modua zuten; gaur egun eguraldi-iragarpena kontsultatzen dute. Garai bakoitzeko bizimoduak baldintzatzen du hizkera"
Jakina, proposamenak ere luzatzen dituzte Facebookeko jarraitzaileek. Berriki egindakoak esaterako, zarrazoia (etengabeko euria adierazteko, euri zarrazoia) eta itxurantea (ahoberoa). Poncek kontatu digu internetera hitz berriak igotzeaz gain aspaldi jarritakoak ere berreskuratzen dituela, eta interesgarria dela emaitza, hitz beraren bueltan beste jende batekin sortzen delako hartu-emana.
Ligatu ere, arrantzaleen erara
Hondarribikoa hiztegi aberatsa dela dio Poncek. Herri barruan bertan, baserritarren artean edo arrantzaleen artean hitz eta esamolde ezberdinak baliatzen zituzten (portuarrak, baserritarrak eta kaletarrak dira herriko hiru komunitate historikoak). Ziurrenik, dena den, itsasoari eta arrantzari lotutako hiztegia izango da emankorrena kostako herri honetan. Olatu motak izendatzeko hitz ugari dituzte ( baga olatu luzerako, amuitza itsaso erdian puskatzen den olaturako, aroia gotti , aroia betti marearen gorabeherak adierazteko, atrapaza …). Lokuzioak ere horren lekuko dira. Ligatzeko adibidez, apasta bota ; betta bota ; pelajikua erabili (denekin saiatzen ari bada); sonarra markatu (neskatan/mutiletan egiteko asmoz dagoela sumatzen bazaio); ezpalarta eman (orka da ezpalarta, eta ingurukoak uxatzen dituela adierazteko erabiltzen da esamoldea)… Itxuraz ari bagara, alfako arraina (itsusia); berberiña (polita); txopa , ipurdiaz hitz egiteko; kroka eta ttapikua (sudur okerra eta sudur luzea)… Parrandaren inguruan, bakailaoa jan dik/n (erraz edan); perloi egosi begiak (parranda ondorengo begiak)…
Arrantza mekanizatu eta aldatu egin da, lanabes ugari desagertu, eta ondorioz horiek izendatzeko hitz asko galdu egin dira urteekin. Berdin eguraldiaren kasuan: bospasei haize mota eta beste bospasei euri barietate atzeman ditu Poncek, arrantzaleek eguraldiarekiko duten menpekotasuna handia baita. "Ilargiari, goizeko eta gaueko koloreari, haizeari… adi egoten ziren eta hori guztia izendatzeko modua zuten; gaur egun patroiak eguraldi-iragarpena kontsultatzen du eta badaki itsasora atera daitekeen edo ez. Garai bakoitzeko bizimodu eta ohiturek baldintzatzen dute gure hizkera".
Zein da, bada, bizi dugun garaiko hizkera? "Lehen arrantzatik, itsasotik hartutako hiztegiarekin moldatzen bazituzten esamolde asko, orain bestelakoak dira iturri eta erreferentziak. Globalizazioaren ondorioz, esaterako, 'berba' entzungo dugu Hondarribiko kaleetan, edo erdararen eragina ere handia da egungo jergan (ze guai)". Dena den, herri hizkera galbidean nabari du: "Nire pertzepzioa da beste hainbat herritan umeek bertako euskararen berezitasun dezente mantentzen dituztela, baina Hondarribian orokorrean euskara batua gailendu dela, beste leku batzuetan baino gehiago".
"Nire pertzepzioa da beste hainbat herritan umeek bertako euskararen berezitasun dezente mantendu dituztela, baina Hondarribian oro har euskara batua gailendu dela"
"Euskara apaizatua", edo hizkuntza kaletarra vs akademikoa
Modu amateurrean ari da Ketxus Ponce, baina Hondarribiko hizkeraren inguruan ikerketa linguistiko sakonagoa egin nahi duenarentzat abiapuntu aproposa izan daiteke bere bilduma. Daukan materiala liburu batean argitaratzekotan, modu herrikoian egin nahiko lukeela dio, Facebooken daraman dinamikaren antzera. "Iruditzen zait, batzuetan janzkera akademikoak urrundu egiten duela hizkuntzalaritza herriarengandik. Kaleko hizkuntzak talka egiten du sarri akademikoek 'agintzen' duten hizkuntzarekin. Herrikide bati entzun nion moduan, euskara apaizatua da hori. Pelikuletan ere ikusten da oraindik, erdaraz kaleko erregistrora jotzen duten bitartean, euskaraz oso hizkuntza teknikoa darabilte maiz".
Otu zaigu, ez ote litzatekeen interesgarria izango Euskal Herri osoa aintzat hartuko lukeen Honddarbiko hitzak gisako ekimena sortzea, herri bakoitzean gauza bera izendatzeko darabiltzaten hitz eta esaldiak konparatu eta partekatzeko. Ezagutza handitzeko baliagarria den heinean, ongi etorria litzateke, erantzun digu Poncek. Beste hainbat herritan antzeko egitasmoak badirela gehitu du, eta soilik Hondarribian erabilitako hitzak zirela pentsatu arren, gero ohartu izan dela beste zenbait tokitan hitz bera darabiltela, geografikoki urrun egonda ere. Kostako herrietan esaterako, arrantzale ofizioari lotuta hainbat hitz komun dituzte.
"Batzuetan janzkera akademikoak hizkuntzalaritza herriarengandik urruntzen du. Kaleko hizkuntzak talka egiten du sarri akademikoek 'agintzen' duten hizkuntzarekin"
"Kristala txetu zuen eta ponpoiuanak arittu zituen"
Solasaldia amaitu aurretik, Hondarribiko euskararen adibide gehiago eskatu dizkiogu Ponceri. Hona batzuk: iraintzeko, zurkittua (zekena, zikoitza), akettua (gizon argala, ahula, eskasa), motzotia (gizon txiki potokoa), lanbasa (emakume alferra). Erabilienen artean, txetu (apurtu edo nekatu, testuinguruaren arabera), kapen egin (uretara buruz bota), maxina (edozein tresna izendatzeko hitz komodina, hanka tarteko maxina bizikleta litzateke), -kaka (asko: diru-kaka, bero-kaka, diru asko, bero handia), txafo (libre), andare (alde egin), billaba (bihurria), zakurra baino (gehiegi adierazteko: "Patata hau zakurra baino gatzatuagoa dago"), txotxua (marinel hasiberria), susara joa (berotuta)… Baserri munduarekin zerikusia dutenak, goiz oilanda (emakume parrandazalea), behiak eragotzea (askara eramatea), eia (ukuilua), txarrantxa (txerriak garbitzeko alanbrezko zepiloa)… Frantses jatorridunak, ataulia (oturuntza), arribada (itsasotik, parrandatik… buelta), serra (saihestu, norabidea aldatu). Aditzei lotuta, -ketu ( eginketu , fanketu , egin izan dut, joan izan naiz) edota nugun (genuen). Atxamarta (trastea), xarpota (torlojua), lohia (giro astuna eta nahasia adierazteko; "jende lohia, atzo tabernan"), pitxindorra (begitxindorra), kanttala (izkina, kantoia), ponpoiuanak arittu (sekulako errieta), axexatu (xaxatu), bolari (pikutara bidali), sos frantsesik ez (dirurik ez). Eta zure herrian, nola esaten da…?
Goiko argazkiarekin batera, hala dio 'Honddarbiko hitzak' orrian: "TTIRRITTA. Kilkerra. "Kri kri kri kri... laster ttugu ttirrittak kantan". | news |
argia-84976d3a3718 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/lapur-banden-etika-nazioartean.html | Lapur banden etika nazioartean | Asier Blas Mendoza | 2016-12-04 | Lapur banden etika nazioartean
Joseba Sarrionandiak eman duen azkeneko elkarrizketan azaldu duenez, kapitalismoa lapur banden etikaren gainean eraikia da: "Bandaren etikak hazkunde ekonomikoa bultzatzen duelakoan. Eta okerrena da egia dela, zeren Libiako suntsidura, esate baterako, enpresa amerikano eta europarrentzat aukera ederra da hazkunderako, eta lanpostuak sortzeko, esaten duten bezala".
Gerra negozioa da. Nazioarteko legedia hautsiz, 1999an Jugoslaviaren aurka NATOk egin zuen erasoan, eskolak, erietxeak eta Txinako enbaxada atakatu zituen. Bonbardaketa humanitarioak (sic). Terroristek Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoan hamabi pertsona erail ostean, elkartasuna zabaldu zen Mendebalde osoan. Aldiz, 1999an NATOk Serbiako Telebistaren egoitza bonbardatu eta hamasei hildako eragin zituenean ez zen terrorismoaz hitz egin, ez elkartasun uholderik sortu Mendebaldean. NATOren zerbitzura zeuden hedabide hegemonikoek sortu zuten marko interpretatiboaren arabera, serbiarrak besteak ziren, eta beraz, konkistatuak eta kolonizatuak izan behar zituzten barbaroak izateari utz ziezaioten.
NATOk zubiak suntsitu zituen Jugoslavian, elektrizitate sarea bonbardatu zuen, milioika pertsona urik eta ogirik gabe utziz. Porlan faktoriak, petrolio industriak, Yugo auto fabrika eta telekomunikazio sistemak bonbardatu eta suntsitu zituen ere bai. Niš-eko tabako fabrika hiru aldiz jo zuten bonbek. Ondoren, AEBetako Philip Morris tabako konpainiak erosi zituen lantokiaren hondarrak prezio ezin merkeagoan, izan ere, bonbardaketek baliabide nazionalen lapurreta burutzeko baldintzak sortzen dituzte.
Azpiegiturak suntsitzen dira, ondoren berreraiki behar izateko. Baina, suntsituta dagoen herrialdeak ez ditu baliabideak berreraikitze lanak egiteko. Irtenbide bakarra da nazioartean maileguak bilatzea. Diru hori mendebaldetik ateratzen da mendebaldeko enpresa pribatuetara bueltatzeko eta obrak egiteko
Azpiegiturak suntsitzen dira, ondoren berreraiki behar izateko. Baina, suntsituta dagoen herrialdeak ez ditu baliabideak berreraikitze lanak egiteko. Irtenbide bakarra da nazioartean maileguak bilatzea. Diru hori mendebaldetik ateratzen da mendebaldeko enpresa pribatuetara bueltatzeko eta obrak egiteko. Azkenean etxea puskatu dizutenek zure etxearen parte bat hartuko dute beraientzat, eta beste parte bat berregiteagatik kobratu egingo dizute. Herrialdeak soberania galtzen du zorpetuz gero.
Mendebaldean ordea, pentsatu nahi dugu, esku-hartze militarrak egiten ditugula herrialde horietako giza eskubideen alde. Horretarako, gobernuek iritzi publikoa engainatu egiten dute eraso egin nahi duten gobernua demoniatuz eta bere aurkako gezurrak eta froga faltsuak aurkeztuz. Mendebaldeak azkeneko hamarkadetan esku-hartze militarrak egiteko fabrikatu eta faltsifikatu dituen proben zerrenda amaigabea da. 2003ko Irakeko gerra eta inbasioa justifikatzeko gezurrak entzutetsuak izan ziren, halere, ez dugu ikasten. Zortzi urte beranduago jokaldi berdina egin ziguten Libiarekin, eta orain Siriarekin egiten dute berriz ere.
Erresuma Batuko Komunen Ganbarako Kanpo Harremanetarako batzordeak Libiako gerrari buruzko txosten bat argitaratu zuen 2016ko irailaren 14an. Bertan argi esaten da Muamar el Gadafiren aurkako altxamendua biolentoa eta armatua izan zela, kanpotik elikatua eta finantzatua. Dokumentuak azpimarratu egiten du Gadafik ez zuela masakre bat planifikatu, nahiz eta Mendebaldeak behin eta berriro bertsio hori defendatu zuen esku-hartze "humanitarioa" justifikatzeko. Aldiz, txostenak dio NATOko esku-hartzearen benetako interesak ekonomikoak eta politikoak izan zirela, eta horren ondorioak lazgarriak izan direla Libiarentzat eta eskualdearentzat. Desastre humanitario bat gertatu da, herrialdea suntsituta dago eta muturreko islamismoa harrotuta dabil hasieratik Mendebaldeak elementu hori gutxietsi zuelako. Baina antza, berdin dio, izan ere, Sarrionandiak dioen bezala, horrela hazten eta aberasten da gure ekonomia. | news |
argia-aeff73298bd7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/maura-febles-kubatar-soziologoa.html | "Indartsuagoak dira patriarkatuaren 500 urte iraultzaren 50 urte baino" | Jabi Zabala | 2016-12-04 | "Indartsuagoak dira patriarkatuaren 500 urte iraultzaren 50 urte baino"
Habanako Unibertsitatean Latinoamerikako filosofia soziala aztertzen duen GALFISA taldeko kidea da Maura Febles. Teoriatik gizarte aldaketako prozesuei behatzen diete; Feblesek Kubako ekonomian gertatzen ari den desestatalizazio prozesuari erreparatu dio. Begirada feminista batekin aztertu du prozesua, eta horren aukerez eta arriskuez jardun du Bilbon, Gizarte mugimenduak eta burujabetze agendak ikastaroan.
Ekonomiaren desestatalizazio prozesuan kooperatiba ei da eredurik interesgarriena.
Kubako ekonomia eredua eguneratzearen ildo nagusietakoa desestatalizazio prozesua da, estatuak ezin du bere gain hartzen jarraitu zenbait ataza txiki. Ekonomia eragile eta gune berriek kudeaketa berriak eskatzen dituzte, baita zentzu etikoak, politikoak, eta balioak ere. Kooperatiba lan molde ez indibidualista da, ondasunen metaketa bilatzen ez duena, hortaz, horren aldekoa da gure apustua. Duela lau urtera arte nekazaritza kooperatibak ziren soilik, bestelakoak berriak dira eta hiri guneetan garatzen ari dira. Horiekin lehian daude lan pribatua eta estatuaren enpresa sozialista, aldaketa eredu berriak eta errentagarritasuna bilatzen ari baita azken hori ere.
Zergatik ez da kooperatibismoa bultzatu oraintsu arte Kuban?
Estatuaren inguruan dena kontzentratzen zuen ereduak ondo funtzionatu zuen 1990era arte, Sobiet Batasunaren babesarekin. Ondoren, 90eko hamarkadan, ez zen denborarik egon hausnartzeko, larrialdi bati aurre egiteko hartu ziren zenbait neurri. Kritika batzuek diote orduan egin behar zirela aldaketak; agian bai, baina kontuan hartu behar da Kuban ez dela inoiz tradizio kooperatibistarik izan, iraultzaren aurretik ere ez. Oraindik ez daukagu kooperatiben legerik, lege dekretu bati esker ari gara lanean.
Denetariko ereduak ari dira garatzen baina, ez bakarrik kooperatibak. Hor dago eredu estatista bere ajeekin, enpresa pribatuak, autonomoak... Nola ikusten duzu horien arteko harremana?
Ereduen arteko elkarbizitza aurreikusten dugu. Guk eredu kooperatibista proposatzen dugu, baina eredu guztietan egon daitezke bizitza erdigunean jartzen duten kudeaketak. Lan pribatuan aukera gehiago daude harreman kapitalistak garatzeko, lan eskubideak bortxatzeko. Bestalde, ez dugu uste dena kooperatiba bihurtu behar denik, ezta kooperatiba eraketak ezer bermatuko duenik ere. Eredua edozein dela, dena herritarrek kudeatzea proposatzen dugu, herri botereak bere eskualdeak kudeatu eta enpresak gauza publikoenganako ardura mantendu dezan: egiturak, ospitaleak… Elkartasunean bizi izan gara 50 urtez, eta hori oso balio garrantzitsua da.
Balio negatiboak sortzen ari dira enpresa pribatuetan. Paladar jatetxeen adibidea eman duzu ikastaroan. Ondo irabazten duenak klasetzat du bere burua.
Arazo handia da, 90eko hamarkadan sortutakoa, formazio handiko profesionalak eremu pribatuan beren hezkuntzarekin zerikusia ez duten gauzetan ibiltzea edo beste herrialdeetara alde egitea. Profesionalek Kuban geratu nahi izatea lortu behar da, inbertsio handia egin delako euren hezkuntzan. Arazo larria da zientzia gogorren arloan, asko Kanadara joaten baitira. Gizarte zientzietan, berriz, bestelako ekoizpena denez, oso krisi handia dago, ikertu nahi ez duten gazte asko daude. Gu zorionekoak gara GALFISAn, estatuaren menpe bagaude ere ondo lan egiten dugulako, belaunaldien arteko elkarrizketa dago, asko sortzen ari da… Baina salbuespena gara, ezin dugu itxaron herrialdearen produktibitatea altxatu arte soldatak igotzeko. Emigrazioa ez da gelditzen, eta horri gehitu behar zaizkio beste fenomeno batzuk: biztanleria zahartzea, jaiotza kopurua apaltzea...
Aurreko ereduaren ajeak badira kooperatiba eratu berrietan?
Bai, denbora beharko da pertsonen pentsamoldeak aldatzeko. Esaterako, ni Centrohabanako Model joskintza kooperatiban nabil aholkulari, duela hiru urte kooperatiba bihurtutako lantegia da eta langile gehienak 40 eta 60 urte bitarteko emakumeak dira, enpresan hogei urte baino gehiago emandakoak. Orain emakume subjektu gisa aritzen ikasten ari dira, beren burua gauzatzen, jendaurrean hitz egiten, erabakiak hartzen, huts egiten duen lankide bat egozten, falta den materiala lortzen…
Lehengo egunean onartu zenuen oraindik matxismo handia dagoela Kuban. Iraultzak ez ote du genero berdintasuna behar bezala landu?
Eztabaida feminista Latinoamerikako beste gune batzuetan baino beranduago heldu zen Kubara. Hala ere, iraultzaren helburua izan zen emakumearentzako gune berezkoak sortzea, ez berdintasun eredua gauzatzeko, aparte garatu zitezen baizik, hori da egun ere behar duguna. Emakumea oso indartsu sartu zen prozesu horretan, instituzio mordoa sortu ziren, Kubako Emakumeen Federazioa eta beste. Orain eztabaida handia dago Kuban mugimendu feministarik dagoen ala ez, eta oso akademikoa da eztabaida hori oraindik, ez kalekoa. Aktibismo feminista handia dagoela esango nuke, gauza asko egiten dira, baina agenda propioa falta zaio mugimendu horri. Gauza asko ditugu, abortuaren legea eta beste, baina gehiago falta zaigu. Orain eskatzen ari dira indarkeria matxistaren kontrakoa. Baina matxismoa ez da ezabatuko konstituzioak hala dioelako bakarrik. Indartsuagoak dira patriarkatuaren eta inperialismoaren 500 urte iraultzaren 50 urte baino. | news |
argia-b92f5ea8580c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/june-fernandez-kazetaria.html | "Heroi perfektuak sortu ordez, haien kontraesanak azaleratu nahi nituen" | Danele Sarriugarte Mochales | 2016-12-04 | "Heroi perfektuak sortu ordez, haien kontraesanak azaleratu nahi nituen"
Hamar pertsona gobernaezinen bizi-istorioak bildu ditu June Fernandezek bere estreinako liburuan. Aurrez ere, ezagun genion gauzak iraultzeko grina hori, Pikara aldizkari feminista sortu baitzuen orain sei urte, hainbat lagunekin batera. Azaldu digunez, zaintza eta maitasuna ere txerta daitezke kazetari-jardunean.
Betidanik izan al duzu kazetaria izateko gogoa?
Txikitan ez nintzen kontziente, baina atzera begira konturatzen naiz bokazioa nabaritzen zela: elkarrizketak egin amonari, eguneroko bat idatzi…
Zer gustatzen zaizu kazetaritza-lanetik?
Munduan barrena noala, jende interesgarria topatzen dut, eta bulkada sentitzen, beti, horien istorioa kontatzeko. Bestalde, tabuak diren gaiak azaleratzeko bide bat da.
Eta, feminista, betidanik izan ote zara?
Nik uste dut gauza berbera gertatzen dela horrekin ere: kontzienteki, ez nuen nire burua halakotzat jotzen, baina bai gogoratzen ditut hainbat momentu. Esan behar dut txikia nintzenean nire inguruan hainbat emakume feminista zeudela, ez antolatuak, baina irakurgaiak eman zizkidaten, adibidez. Bestalde, nire aita nahiko bitxia da eta berak sartu zidan hizkuntza ez-sexistaren kezka. Gogoratzen dut institutuko liburutegian bazegoela liburu bat, Gizonaren historia, eta nik gizona kendu eta gizakia jarri nuen.
Ikasketak amaitzean El País -en egin zenuen lan.
El País -eko Euskadiko erredakzioan lanpostu bat geratu zen libre eta unibertsitateko irakasleek gomendatuta iritsi nintzen hara. Sorpresa izan zen. Hiru urtez egon nintzen han lanean eta printzipioz nire ardura zen unibertsitate eta ikerketa gaiei buruz idaztea, baina neure gaiak ere proposa nitzakeen, eta hor argi ikusi nuen nire interes nagusiak feminismoa, immigrazioa eta arrazakeria zirela. Ondoren krisialdia etorri zen eta erabaki nuen nik neuk egitea ospa, haiek ni kaleratu baino lehen.
Gustura aritu al zinen?
Pila bat ikasi nuen. Garai hartan gertutik jarraitzen ninduten nagusiek eta kazetari bezala asko ikasi nuen; nahiko estilo bortitza zen, hala ere. Askatasun asko neukan, seguru asko gai sozialak lantzen nituelako eta El País nahiko aurrerakoia delako horretan. Politikan edo nazioartean ibili izan banintz sekulako liskarrak edukiko nituen, politikoki ez nengoelako gustura haien ildoarekin. Baina, gizarte-gaietan, adibidez, Euskal Herriko Jardunaldi Feministetara joan nintzen eta kronika bat argitaratu nuen, transexualei buruz idatzi nuen…
Bestalde, nik nahi nuen kazetaritza praktikatzeko hainbat oztopo zeudela nabaritu nuen, eta erredakzioko giroa oso-oso maskulinoa zen. Emakumea eta gaztetxoa nintzen eta oso txiki sentitzen nintzen. Emakume gutxi zeuden, eta gure artean bazegoen halako lehiakortasun bat edo mesfidantza bat nire aldera, gaztea nintzelako. Geroago jakin nuen nire kontrako komentario sexistak egon zirela, besteak beste asko publikatzen nuela nagusiek erakargarritzat nindutelako. Ez nintzen oso ahaldunduta sentitzen hor barruan, egia esan.
Argazkia: Dani Blanco.
El País utzi eta SOS Arrazakeriako liberatua izan zinen urtebetez. Nola elikatu du arrazakeriaren aurkako borrokak zure feminismoa?
Horri esker, ez diet soilik arreta jarri feminismo zuriaren aldarrikapenei, eta zalantzan jarri ditut nire pribilegioak.Interesatzen zaidan feminismoan ni edo gu ez gara beti biktimak; aitzitik, batzuetan, zapaltzaileak izan gaitezke.
Zuria izanda arrazakeriaren aurkako erakunde batean aritzeak zer-nolako lanketa eskatzen du?
Bere garaian ez nuen oso argi ikusten, nik uste ez neukala deserosotasun horren kontzientziarik. Baina egoera batzuetan ohartu nintzen bazeudela halako dinamika batzuk, adibidez, hedabideetan atera ginen Senegalgo militantzia-kide bat eta ni. Bera gizonezkoa zen, eta ni emakumea, baina kasu horretan neu hartu ninduten aditutzat eta bera, ordea, lekukotzat.
Gero, SOS Arrazakeriak jardunaldi batzuk antolatu zituen, beste elkarte feminista batzuekin elkarlanean, eta niretzat oso garrantzitsua izan zen une hura. Indarkeria matxistaren eta immigrazioaren gaia atera zen. Feminista zurien kezka zen ea nola hitz egin genezakeen kalean jasaten genuen sexu-jazarpenaz, aurreiritzi xenofoboak hauspotu gabe. Baina hor etorri ziren etorkin feministak, eta esan: "Zuek ez dakizue zer-nolako sexu-jazarpena bizi dugun guk gizon euskaldunen aldetik". Oso garrantzitsua da espazio horietan mugitzea, bestela uste baituzu zeure zapalkuntza dela existitzen den bakarra, eta arriskutsua da hori.
Edonola ere, kazetari-lanera itzultzea erabaki zenuen, eta halaxe abiatu zen Pikara.
Komunikatzeko beharra hor daukat beti, nire bokazioa da. Egun batean pixka bat triste nengoen, kazetaritzara itzuli nahi nuen, baina ez nekien nola, eta Lucía Martínez Odriozola irakaslearekin hizketan ari nintzela esan zidan ea zergatik ez nuen neure hedabidea sortzen. Kazetarien Berdin Sareko kide ginen biok. Nahiz eta, printzipioz, sare horren helburua izan norbera zegoen hedabideetatik eragitea, konturatu ginen gure gunea baldin bageneukan askeago izango ginatekeela oztopo barik jorratzeko geuk egin nahi genuen kazetaritza. Gainera, garai horretan itxi zen Frida aldizkaria, beraz Euskal Herrian ez zegoen feminismotik abiatzen zen aldizkaririk, nik behintzat ez nuen ezagutzen.
Zer helburu zenuten?
Hasiera batean bildu ginen Kazetarien Berdin Sarean gehien ibiltzen ginenak: Maite Asensio, Lucía Martínez Odriozola, Itziar Abad eta lauok. Diru pixka bat jarri eta webgune bat diseinatu genuen. Ez genuen izan nahi emakumeen komunikabidea, emakumeei zuzendua, emakumeei buruzkoa, baizik eta nolabait frogatu posible dela kazetaritza orokorra egitea baina feminismoa beti hor sartuz, begiradan. Nahi genuen heldu feminismoan sartuta ez zegoen jendearengana, burbuilatik atera. Bestetik, ikusten genuen Euskal Herriko feminismoan, garai horretan, pil-pilean zegoela mugimendu feministaren zatikatzea, eta interesgarria iruditzen zitzaigun espazio atsegin bat sortzea feminista oso anitzen artean eztabaidatzeko. Azkenik, feminismoaren ospe txarrari aurre egiteko, hauexek ziren geure armak: umorea, plazera eta freskotasuna.
Bisiten herena Latinoamerikatik datorkizue.
Guk ez genuen espero baina konturatu ginen hango jendeak ere asko irakurtzen zuela aldizkaria eta pentsatu genuen ez zela bidezkoa eta pribilegio-toki batean kokatzen gintuela haiek gu irakurtzea eta guk hara ez begiratzea. Gero, neu ere Managuan bizi izan nintzen, Itziar Abad Ekuadorren, eta kontzientzia hartu genuen Latinoamerikako feminismotik izugarri ikas dezakegula.
"Emakume lider indigena asko, abortuaren gaia aipatzen badiezu, guztiz kontra agertzen dira. Gakoa da testuinguru bakoitzean egoera ulertzea eta asko entzutea"
Zer ikasi zenuen zuk?
Gauza asko. Guatemalan ere izan naiz eta ikasi dut umiltasun asko izan behar duzula. Hasieran joaten zara zure aurreiritziekin eta zure dogmekin eta pixkana-pixkana apurtu behar dituzu eta zeure feministometroa erlaxatu. Liburuan ere agertzen da hori, esate baterako, Doña Sebastianaren atalean: komunitate indigenetan, emakume batek tratu txarrak jasotzen dituenean, helburua ez da dibortzioa lortzea, baizik eta lortzea senarrak ez dezala gehiago jipoitu. Edo, emakume lider indigena asko, abortuaren gaia aipatzen badiezu, guztiz kontra agertzen dira. Gakoa da testuinguru bakoitzean egoera ulertzea eta asko entzutea. Bestalde, nabarmentzekoa da zer garrantzi ematen dioten norbere burua zaintzeari. Jardunaldietan, adibidez, biodantza egiten dute, erlaxatzeko ariketak… Espiritualtasuna txertatzen dute eta Euskal Herritik joanda, dena zurrun, ba sorpresa handia izan zen.
Nola egiten da kazetaritza ikuspuntu feministatik?
Uste dut feminismoaren eragina ez dela bakarrik edukietan eta produktuan, baizik eta eguneroko dinamiketan. Uste dut feminismoa iraultzailea dela eta kazetaritza iraultzeko bidea ematen duela.
Azken boladan konturatu gara oraindik ere mantentzen dugula halako hierarkia bat: iturri adituak eta testigantza pertsonalak. Adibidez, indarkeria matxistari buruzko erreportaje bat atera, eta jotzen duzu bi aditurengana eta tratu txarrak bizi izan dituen emakume batengana. Horrelako debateak garrantzitsuak dira guretzat.
Bestalde, Pikara , hasieran, nahiko pertsonalista zen, nik koordinatzen nuen proiektua eta nik sustatu nuen, baina, gaur egun, ColectivoEditor izeneko gune bat daukagu, hiru koordinatzaile gara eta asmoa da horizontala izatea.
Presentzia publiko handia izan duzu eta daukazu. Nola bizi izan duzu?
Blogaria nintzenean oso ohituta nengoen nire esperientzietatik abiatzera, pertsonala politikoa dela-eta. Adibidez, sexu-aniztasunari buruz ari banintzen, ba kontatzen nuen zer ibilbide egin nuen heteroarautik lesbianismora. Gero konturatu nintzen gero eta ezagunagoak ginela eta lotsa handiagoa daukat orain, gero eta gutxiago agertzen naiz. Uste dut oreka bat lortu behar dugula: alde batetik oso ona da proiekzio handia duten komunikatzaile feministak existitzea (Irantzu Varela, Barbijaputa), baina pertsonalismoetan eta egolatrietan erori gabe. Nik uste dut feminismoak oso kolektiboa izan behar duela. Gainera, uste dut dinamika arriskutsuak sortzen direla. Adibidez, Itziar Ziga datorkit burura: komunikatzaile feminista bat modan jartzen dugu, amodio eta gorroto dinamikak sortzen dira, eta gero, halako "huts egin didazu" fenomenoak piztu.
Nola kudeatu daiteke hori guztia?
Bada, adibidez, liburuaren harira, argitaletxekoek proposatu zidaten feminismoari buruzko artikuluak biltzea, baina nik ezetz esan nuen, nahiago nuen bigarren plano batean geratu, eta besteen istorioak kontatu. Iritzi-emaile baino, kazetari sentitzen naiz. Sare sozialak direla-eta, kazetarion proiekzioa lehen baino handiagoa da, eta hori geuk ere esplotatu behar izan dugu, baina bestetik ni horrekin ez nago oso eroso, nahiago dut kontatzen ditudan istorioak egotea aurrean, eta neu bidea izatea.
Hitz egin dezagun 10 ingobernables liburuaz. Nola abiatu zen prozesua?
Esan bezala, argitaletxearen ekimena izan zen. Libros del K.O. argitaletxeak kazetaritza du erdigunean, eta konturatu ziren emakume eta gizon idazleen artean desoreka zegoela, eta gai feministak ez zituztela orain arte landu. Orain dela hainbat urte bai Nikaraguan bai Kuban liburu-proiektuak izan nituen buruan, baina gero ez ziren mamitu. Erdizka geratu ziren proiektu horietatik atera nituen zenbait gauza, eta ikusi nuen ildo nagusia zela araua hausten duten identitateak eta gorputzak.
Argazkia: Dani Blanco.
Zer irizpideri jarraitu zenion gainerako istorioak aukeratzeko?
Identitateen aldetik, nahiko kontzienteki bilatu nuen. Adibidez, istorio guztiak nahiko argi izan eta gero konturatu nintzen ez zegoela mutil transik, emakumeak bai, baina mutilik ez, eta orduan bat bilatu nuen. Lodifobiaren kasuan ere, eztabaida oso bizi zegoen une hartan eta horregatik sartu nuen. Hala ere, istorio gehienak bidean aurkitu ditut.
Bereziki gogoan duzun istoriorik?
Ezin dut aukeratu, baina kazetari bezala berezia izan da pertsonaietako asko nire lagunak direlako, eta barne-gatazka sortu dit: June adiskidea versus June kazetaria. Kazetaritza feministaz eta zaintzaz ari garela, unibertsitatean edo hedabide tradizionaletan ikasten duzu kazetari on batek sekula ez diela istorioa bidali behar iturriei argitaratu aurretik, edo errezelo handiekin ibili behar duzula, eta liburu hau niretzat oso kolektiboa da, protagonistak ez direlako soilik nire kazetaritzako objektuak, subjektuak ere badira, eta aukera izan dute testuan ekarpenak egiteko.
Horren harira, pertsonaien kontraesanak ere erakutsi dituzu.
Bai, adibidez, berakatz saltzailearen kasuan, bera homosexuala da, agurea, eta bat-batean konturatu nintzen oso xenofoboa zela: hasten zen pakistandarrek saltzen zuten frutaz gaizki-esaka. Orduan zer, aipatuko dut? Bada bai, pertsonaia konplexua baita. Niretzat garrantzitsua zen heroi perfektuak sortu ordez, haien kontraesanak erakustea, ertzak azaleratzea, errespetuz.
Askok uste dute bizitza sobera konplikatzea dela arauak haustea, zer esango zenieke?
Hori dioten pertsonek ez dute ikusten arau horiek sortzen duten indarkeria. Esate baterako, oso erraza da galdetzea ea zergatik nahi duzun transa izan, bizitza konplikatzea da-eta, ez baldin badakizu zer-nolako indarkeria sortzen duen genero binarismoak. Eguneroko sufrimendu hori ez du ikusten jendeak. Niretzat, garrantzitsua da zapalkuntza-sistema jotzea larritzat, eta ez hori hausten duen pertsona. | news |
argia-78077227be8b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/berri-txarraken-kontzertuaren-kritika.html | Bueltak | Julen Leuza | 2016-12-04 | Bueltak
Deitu didate esanez, ordu erdi barru hasiko den Berri Txarraken kontzerturako sarrera bat soberan dutela. Iruñean joko zutela jakin nuenean dagoeneko sarrera guztiak agortuak ziren, eta hau harrotasun zentzugabez aipatzen nuela gogoratzen dudan bitartean janzten hasi naiz, sarrerari baietza eman eta gero. Berri Txarrak ikustera noa. Iruñeko Zentral aretoan eskainitako emanaldia, azaroaren 3an, ostegunez.
Zentralean sartu naiz. Berriren publikoa oso gaztea, gazteegia da, eta hori txarra da. Kasu, ez. Berriren publikoa orokorrean ez da inolaz ere gaztea, eta dudak ditut talde baten publikoa gaztea izatea gauza txarra den. Tira. Kañoi bat hartu dut. Kañoia nire gurasoek erabiltzen ez duten hitza da, eta kaña handia hiru euroan hartzera behartzen nauen eufemismoa. Bai? Ez. Bueno, bai.
Hasi da Berri Txarrak. Lehen kantua entzuna dut, ezaguna, baina ez dakit zein den. Ez diot inori esanen, errepika dakidan kantua heltzean argi utziko dut Berri Txarraken jarraitzaile sutsua naizela. Heldu da! Kasualitatea gaurkoa, justu kantu hori gainontzeko guztiek dakite, errepika ereserki bihurtu da. Denok gara Berriren jarraitzaile sutsuak orain. Berdin du... edo ez? Ez. Bueno, bai. Tira, bai.
Jotzen ari dira, eta bigarren kañoia eskatu nahi dut. Barrara noa askoren aurpegi zimela jasaten dudan bitartean, leku egitea esfortzu handiegia zaie. Noski, Berri Txarraken fan armada, dogmatikoak, irrazionalak, errespetugabe, lotsagabeak. Noski, noski. Geldi, agian nire sentsazioa izan da. Ez, ez, hobe Berriren jarraitzaileak gorrotatzea. Zaude, noski nire sentsazioa izan dela. Gaixoak. Gaixoa ni.
Jotzen jarraitzen dute. Kobratzen duten diruarekin, edonork. Kapitalistak. Hobe talde txikiek kobratzen ez dutenaz arduratzea Berri Txarrakek irabazten duenaz kezkatzea baino, azken finean, sortzen duten dirua da. Baina hori futbola bezalako negozioak justifikatzeko erabiltzen den argudio erreakzionarioa da. Sarrera truke daude baina, eta ez da garestia. Julen, otoi.
Ari dira oraindik. Aiba! Jaio. Musika. Hil. diskoko kantu bat. Noski! Ni Berriren fanatikoa izan nintzen disko hau atera zuten arte. Libre da haien diskorik hoberena. Ez, barkatu, Libre historian egin den diskorik hoberena da. Orain gogoratu dut duela gutxi kotxean gustu gehienez entzun nuen diskoa Jaio. Musika. Hil. izan zela, Berriren karpeta ireki nuenean. Karpeta, diskoetatik mp3ra bihurturiko artxiboak biltzea, Berrirekin eta Tapia eta Leturia Band, Lendakaris Muertos eta Oskorrirekin soilik egin dut. Berriren disko guztiak ditut, bakarra naiz, autentikoena, fanatismo ortodoxoak ez du nire gustu pribilegiatua gainditzen. Baina haiek kanta hau dakite eta nik ez. Bueno, ba jarraituko dut esaten Libre haien diskorik onena dela, hori pentsatzen ez badut ere. Edo pentsatzen dut? Orain ez dakit.
Libreko kanta bat! Ez da kanta, beste bat da. Denek dakite nik baino hobeto. Aizu, baina agian nik gehiagotan entzun dut nahiz eta letra ez ikasi. Ez, ez da horrela. Baina lau ziren, eta nik ikusi nituen lau zirenean. Ingurura begiratu dut, uste dut %80k ikusi dituztela lau zirenean. Baina hirukotearen lehen kontzertua ikusi nuen, Akelarren. Bai, izebak eraman ninduelako. Baina hori ez daki inork (izebarena), nik beste meritu bat bezala aipatuko dut. Zertarako baina? Ba ez dakit, guay bat izateko. Ez, guay dira haien diskorik onena lehena dela diotenak. Bai, hori da, hori, hori, ni ez nago maila horretan. Lau zirenean ikusi nituen, bizitza arriskuan duzun lehen kontzertu horietako batzuetan. Uste genuen Gorka drogatua igotzen zela eszenatokira, orain badakit ez dela horrela. Gauzak nola diren, gaur ni mozkor nago eta haiek ez.
Betidanik ezagutzen ditut, fan historikoa naiz. Gorkak esan du Iruñeko lehen kontzertuak Iturrama institutu aurrean eta Zulo tabernan eman zituztela. Kalkulua egin dut, nik 4 urte nituen. Zulo, Zulo... kasualitatea ere, sentipenak antzekoak dira zurekin.
Ez dakit zer beste akats atera. Nik neuk denak ezeztatu ditut orain arte, zerbaitek gehiago aurkitzera behartzen nau alabaina. Soinua! Zentraleko akustika izugarri txarra da. Ba ez, dena arras ongi entzuten da.
Amaitu dute. Lagun batek esan dit pena izan dela X, Y eta N ez jo izana. Pentsatu dut K, H eta F (nire gustukoenak) ere ez dituztela jo, baina esan diot nik ez ditudala kantak entzun, nik kontzertu bat entzun dudala, eta gozatu dudala.
Izan ere, askok geure gezurrak sinesten ditugula baieztatzen dugu maiz. Zerbaiti emandako buelta guztien azkenaurrekoa bertsio ofizial egiten dugunok arazo psikologikoak ditugu agian, baina badakigu benetako momentuan egia aitortzen. Berri Txarrakek hori lortzen du. | news |
argia-fae724c4ff94 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/sao-paulotik-gutuna.html | S�o Paulotik gutuna | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2016-12-04 | S�o Paulotik gutuna
Brasildik jaso dut posta bat. Estebe Ormazabal Insausti beasaindarraren hitzak dira jaso ditugunak; ARGIAko harpideduna bera. Ez da txoko honetara ekarri dugun atzerrian bizi den lehen laguna. Pixkanaka ari gara biltzen Euskal Herritik kanpora dugun komunitatearen iritziak, hausnarketak, kritikak eta laudorioak.
Lan kontuak tarteko, 1996an gurutzatu zuen itsasoa Ormazabalek Brasila ailegatzeko. Lehendik Ingalaterran, Suitzan, Alemanian, Italian eta Irlandan ibilia zen. São Paulon bertan ere ez du curriculum makala: nahiz eta gaur egun hezkuntza munduan murgilduta dabilen, besteak beste, São Pauloko Eusko Alkartasuna euskal etxeko lehendakaria izan zen denbora batez, unibertsitatean euskara irakasle lanetan aritua da, eta euskal migrazioari buruzko liburu bat ere idatzia du.
Baina, noiztik jarraitzen du ARGIA? Oraindik zerurik galdu gabea zela ezagutu omen zuen astekaria, eta garai hartan tarteka irakurria omen; baina gerora pista galduta, 2000. urte inguruan egin zen harpidedun, Rio de Janeiroko lagun euskaldun baten etxean ARGIA berriz ere eskuartean izan ondoren. Eta aitortu dit gustuko duela kazetariek gaiei ematen dieten ikuspegi anitza bezala kritikoa. ARGIAko harpidedun izateak "euskaraz irakurri eta bizitzen laguntzen" diola esan digu, "mundua euskaraz ezagutzeko aukera" ematen diola, eta "plazera dela kalitatezko kazetaritza euskaraz irakurtzea".
Ez dakit ezer txarrik esanez gero astekaria bidaltzeari utziko diogunaren beldurrez-edo bota dizkion ARGIAri horrelako loreak, baina gustua ematen du horrelako erantzunak jasotzeak. Mila esker, Ormazabal. | news |
argia-f7eed66d9ce1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2532/ur-garbia-frackinga-eta-aborigenen-duintasuna-jokoan-standing-rocken.html | Ur garbia, frackinga eta aborigenen duintasuna jokoan Standing Rocken | Pello Zubiria Kamino | 2016-12-04 | Ur garbia, frackinga eta aborigenen duintasuna jokoan Standing Rocken
Siux jendeak Ipar Dakotako Standing Rocken daukan lurralde ustez autonomoan ari da jokatzen AEBetako gudu sozial handienetakoa, bere baitan biltzen dituena petrolioa ustiatzearen, klima aldaketaren eta ura eskuratzeko eskubidearen inguruko gatazkak. Baina jatorrizko herritar amerindiarrek, bizirauteko dauzkaten ezintasunak ere azaldu dira argitara. AEBetako establishmentaren agintekeria bezala.
Thanksgiving berezia ospatuko zuten milaka lagunek Standig Rock eko Oceti Sakowin eta Sacred Stone Camp kanpamenduetan. Hotzak, polizia federalak egurtuak baina, beren buruei Water Protectors (uraren zaindari) deitzen dietenen mezuei sinestekotan, borrokan jarraitzeko gogoak apaldu gabe.
Kanpaleku nagusian Judy Wicks idazle eta ostalariak 500 lagunentzako afaria eskaini zuen azaroaren 24an, berak eta beste zenbait pertsonalitatek oparitutako jakiak kozinatuz, tartean Jane Fondak bidalitako bufalo haragia. Oparigileak berak aritu ziren zerbitzari.
Wick andereak hamabostgarren urtez eskaini die Tyanksgiving a AEBetako aborigenei, horiek eskertu nahian 1620.ean Europatik etorriberriei erakutsitako eskuzabaltasuna. Gaur Massachussets den lekura iritsita, lehenbiziko negua uztarik gabe goseak pasatu behar zutenean, bertako Wampanoag jendea prest egon zen zeukaten elikagaia haiekin elkarbanatzeko.
"Geroztik –idatzi du Wickek Ecowatch gunean – tamalez eta lotsagarriki, europarren etorrerak 500 urteko genozidio eta traizioa ekarri zizkien jatorrizko amerikarrei. Akordio oro hautsia izan da orain artean, zurien espantsionismoaren mesedetan. Ipar Dakotan genozidiotik bizirik ateratakoek gaur aurre egiten diote 3.700 mila milioi dolarreko Dakota Access oliobideari, milioika herritarren edateko ura hilerri sakratuak mehatxatuz Texaseko Energy Transfer Partnersek petrolio oso sukoia garraiatzeko Missouri ibai hondotik, urratu duen oliobideari".
1.825 kilometroko hodiak balio behar du Ipar Dakotako Bakken eremuan fracking bidez ateratako petroliotik 450.000 upel Illinoiseraino garraiatzeko, hemen lotuz AEBetako sare nagusiarekin. Obraren sustatzailea den Energy Transfer Partnersen jabea, Kelcy Warren, AEBetako aberatsenen zerrendan 372. dago eta mundukoetan 1.067. Azken hauteskundeetan estreina Rick Perry errepublikarrari lagundu dio diruz eta ondoren Donald Trumpi.
Matxinada, Twitterrez #NoDAPL traolarekin ordu oro jarrai daitekena, 2016ko udaberrian piztu zen, konpainiak erabaki zuenean petrolioak zeharkatuko zituela Missouri eta Mississippi ibaiak, Oahe aintzira eta Standing Rock siux erreserbaren lurrak.
Oliobidearen kalteak baloratzeko eta amerindiarren tribuak ez galdekatu izanagatik, nabarmenki Standing Rockeko siuxak, 2016ko apirilean EPA Ingurumena Babesteko Agentziak, Barne ministerioak eta Historiaren Babeserako Aholku Batzordeak eskatu zioten Armadaren ingeniaritza gorputzari ingurumen eraginen azterketa osoa egitea. Uztailerako militarrek txostena prest zeukaten: ibaia zeharkatzeko biderik egokiena Dakota Access zen.
Apirilean tokiko siuxen buruzagiek kanpalekua antolatu zuten, kultur ondarea zaindu eta oliobidearen kontrako erresistentzia bideratzeko. Udan zehar milaka jende osatzeraino zabaldu zen kanpalekua. ReZpect Our Water (Gure Ura Zaindu) amerindiar gazte erakundeak Standing Rocketik Washingtonerainoko martxa egin zuen, gizartea ohartarazteko oliobideak Mississippi eta Missouriko ura edateko bezala nekazaritzarako behar dutenen arriskuez.
Irailean bulldozerrek hondeatu zuten ordura arte agintariek eremu historiko eta erlijiozkotzat jotako eremua. Protestan joandakoei konpainiaren guardek zakurrak bota zizkieten , dozena erdi bat ausikika zaurituz Democracy Now! kateak zabaldu eta milioika jendek YouTube n ikusi duten erasoan. Urrian polizia eta militarrek hustu zuten kanpalekuetako bat. Azaroaren 20ko gauean poliziak ur hotzez zigortu zituen -2ºCko izotzetan makinei aurre egiten zieten herritarrak.
Sakratua, erlijioa baino gehiago
Ipar Dakotako Bakker eremua aipatzeak askori fracking deitu haustura hidraulikoz petrolioa erauzi eta garraiatzeak dakartzan kalteengatiko haserrea pizten dio. Olioa harkaitzari leherkari eta kimikoz isuri arazteak berak sortutako kutsadurez gain, garraiobidean ere istripuak gertatuak dira dagoenekoz.
2013ko uztailaren 6an, Bakkeneko petrolioa 77 bagoitan zekarren tren batek talka egin zuen gasez zamatutako beste batekin eta sutean 42 pertsona hil eta 30 eraikin kiskali zituen Lac-Mégantic hirian, Kanadako Quebecen. Oliobideetan ere istripu eta isuririk ez da falta izan urteotan. Kutsaduraren beldurraz gain, klimaren aldaketa eta erregaien kontsumoa murriztu beharra da Standing Rockera militanteak ekarri dituen beste argudio osagarria, garapen eredua aldatu beharra esan nahi baita. Gogor egin beharko dute borroka bere bizi publiko osoan klimaren aldaketari pixa egin dion Donald Trumpen aginte aldi berrian.
Amerindiarrek gatazkari eman nahi dioten dimentsio etniko eta espirituala ere ez da ahaztekoa, gizarte industrialaren umeoi gaitz zaigun arren ulertzea nolaz haserrarazi ditzakeen hainbeste oliobideak hilerri bat urratzeak.
Lehen kanpalekua antolatzeko deia egin zuen LaDonna Bravebull Allard andereak, erreserbaren ondarearen arduradunak, esan du: "380 gune arkeologiko suntsitu dituzte oliobidea egiteko, horietatik 26 justu bi ibaien inguruetan. Eremu historikoak dira, leku sakratuak ez bakarrik Siux nazioentzako baina baita Arikara, Mandan eta Iparraldeko Txeieneentzako ere. AEBetako gobernuak desegiten ditu gure eremu kultural eta espiritual garrantzitsuenak. Munduan utzi ditugun lorratzak suntsitzean, gobernuak herri bezala suntsitzen gaitu. Eremuok defenditu behar ditugu, bestela gure mundua amaituta dago, hori bezain sinplea da. Gazteek eskubidea dute nor eta zer diren jakiteko, hizkuntza, kultura eta tradizioa zor zaizkie. Petrolio konpainiari uztea desegiten gure historia, gure arbasoak, gure bihotzak eta arimak, ez al da genozidioa?".
AEBetako agintariek edozein konpainiari Standing Rock erreserban eskua sartzeko baimenik eman aurretik bertako agintari siuxen oniritzia behar zuen, indarrean dauden itunen arabera. Allard andereak berak, duela 153 urte militar yankiek parajeotan bertan masakratu zuten tribuko kide delarik, banan bana azaldu ditzake bake aitzakiatan sinarazi eta Washintongek gero urratutako itunok. Azken finean, edozein paperen aurretik beti izan baita oinarrizko lege " Aurkikuntzaren Dotrina ", 1494tik europarrak aborigenen lurren jabe egiten dituena mundu osoan.
Irailaren 20an Standing Rockeko tribuaren ordezkari Robert T. Coulter Geneban mintzatu zitzaien Nazio Batuen Erakundeko ordezkariei, laguntza eske, AEBetako Gobernuak suntsitu nahi dituelako. Alferrik. Ikusi Interneten poliziak aktibista baketsuen kontra zer nolako munizioak darabiltzan. | news |
argia-a72f8ffbcb80 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/gasteizko-beste-jazzaldia.html | Gasteizko beste jazzaldia | Jon Aranburu Artano | 2016-07-24 | Gasteizko beste jazzaldia
Duela hamaika urte ekin zioten taberna batzuek Jazzaharrean jaialdiari. Aurtengo edizioa ekainaren 28tik uztailaren 8ra izan da eta 20 emanalditik gora egin dira.
Jazza, uda, jaialdiak... inguruan askotan ikusi dugun ekuazioa da. Jazz jaialdiak imajinatzen ditugu jendez betetako plaza, estadio, hondartza edo dena delako guneetan egiten diren emanaldi moduan. Gehienetan diru publikoz ongi zuzkituak, goi mailako artistak ekarri asmo eta uste dituzten jaialditzarrak. Herrikoitik gutxi duten jaialdiak, bertako musikariek duten karitatezko tokitik hasi eta sarreren prezioetaraino.
Bada Gasteizko alde zaharreko Jazzaharrean jaialdia honi kontra egiteko modu bat ere. Duela 11 urte Asisko Frantziskoren kantoiko taberna batzuk batuta sortu zuten jaialdia, nolabait ere, uztail hasieran egiten zen Gasteizko Jazzaldiaren elitismo horren alternatiba herrikoiago moduan. Herrikoiagoa kontzertuak tabernetan egiten direlako edota kalean, sarrerarik ez delako ordaindu behar, eta beste jaialdietako karteletan ikusten ez diren inguruko musikariak direlako kartelaren mami.
Aitortuko dizuet beti harritu izan nauela jazz jaialdien fenomeno honek. Nola den kapaza urtean zehar kontzertu bat ikustera, eta are gutxiago jazz kontzertu batera, inguratzen ez den jendea masan mugitzeko. Eta masa mugimendu horrek Jazzaharreani ere eragin dio, askotan kontzertuetara ezin sartuta ibiltzeraino.
Aurtengo edizioari hasiera Parral tabernan eman zitzaion Tenpora taldearen kontzertuarekin. Popetik gertuagoko kantuak dira, nahiz eta jazz kutsua baduten. Izen ezagunak daude, gainera, taldean: Hasier Oleaga edo Juantxo Zeberio, esaterako. 2015ean kaleratutako Mundu Berria laneko kantuak jo zituzten batez ere, Harkaitz Cano eta Karlos Linazasororen hitzak dituztenak.
Cosmosoul taldekoak, berriz, uztailaren 5ean aritu ziren; hauek ere, Parral tabernan, eta tabernara ezin sarturik ibili baginen ere, soul eta funk kutsuko kantu dotoreak zirela nabaritu genuen, ataritik.
Zortez, hurrengo egunean bertako kantari eta piano-jolea ikusi ahal izan genituen Gorbea Bodegoiaren terrazan Calzzeta-Sinkey duo izenpean. Alana Sinkey-ren ahotsa benetan nabarmentzekoa iruditu zitzaigun, bandarik behar izan gabe ere plaza bera betetzen baitzuen elegantzia handiz.
Eta elegantzia aipatuta, aipatzekoa RS Faktorrek uztailaren 7an Artiumen eskainitako kontzertua. Etxekoa da Ruben Salvador, eta gustura entzun genuen bere Akufeno lan berriko kantuak aurkezten, esperientzia pertsonaletatik abiatutako jazz garaikideko pieza dotoreak.
Bi astez Gasteizko alde zaharra eta inguruko kantoiak jazzez josi zaizkigu. Aipatu gabeko kontzertuak gehiago izan dira, guztietara joaterik ere ez baitugu izan. Eta penaz diot, ze ikusiko genituzkeen Dani Perez eta Jordi Bonell-en duoa, Azkaiter Pelox trioko lagunak, edota bertako musikariz osatutako Muchachos Afrobeat Band-ekoak. Espero dezagun datorren urtea baino lehen ikusi ahal izatea. | news |
argia-27264fe95d10 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/kontzertuak.html | Abuztuko ibilbide musikala | Montserrat Auzmendi del Solar | 2016-07-24 | Abuztuko ibilbide musikala
Musikazaleok badugu, urtero bezala, hitzordu berezi bat Donostiako Musika Hamabostaldian. Krisiak jota eta guzti, jaialdi honek mantentzen ditu betiko kalitate maila, proposamen interesgarriak eta publikoarentzako ziklo erakargarriak.
Aurtengo edizioak harribitxi batzuk eskaintzen ditu, hala nola, Mozarten Don Giovanni opera; Genevako Antzokiko Balleta Tristan eta Isolda antzeztuz; edo orkestra-izarrak diren Budapest Festival Orchestra eta Frankfurt-eko Irratiko Orkestra Sinfonikoa. Halere, ziklo handietan ez dut sakonduko. Asko hitz egin eta idatziko da aipatutako saioei buruz. Nire arreta zentratuko da Hamabostaldiak dituen altxor ezkutu batzuetan, musikaz eta gauza gehiagoz disfrutatzeko aukera ematen digutenak. Musika Aitzaki zikloak badu izenburuan bere motibazioa. Musika, saio hauen muina izanik, bidea da gure herria ezagutzeko. Bereziki mamitsua da ziklo hau aurtengo edizioan. Gure kostaldea bisitatzeko parada izango dugu: Hondarribia, Zumaia, Mutriku, Deba, Orio, Getaria eta Pasai San Pedron kontzertu eta jarduera interesgarriak aurkitzen ditugu egitarauan. Oso erakargarria iruditzen zait, adibidez, abuztuaren 20an Debatik Mutrikuko Olatz auzoraino egingo den txangoa, Santiago Bideak Gipuzkoan duen itsasaldeko ibilbidea burutzeko. Naturaz gozatzeaz gain, musika protagonista izango da une ezberdinetan.
Bitxia izango da, baita ere, Hondarribiko Hiruzta Upategian abuztuaren 10ean eskainiko den Zambra barrokoa saioa, Andreas Prittwitz and Lookingback Septet taldearen eskutik. Musika barrokoaren ikuspegi berritzaile bat disfrutatzeko aukera izango dugu, baina horri ondoren izango den afaria gehitzen badiogu, hitzordu mundiala bihurtuko da, dudarik gabe.
Esan bezala, kostaldeko hainbat herritan izango dira Hamabostaldiko jarduerak. Baina hortik aparte, beste leku batzuk bisitatzeko aukera izango dugu. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Senperen arituko da abuztuaren 19an Mozart eta Vivaldiren obrak joaz. Musika barrokoarekin jarraituko dugu Leireko Monasterioan izango den saioan, Brillant Magnus Quintet taldearen eskutik, abuztuaren 20an. Eta abuztuaren 25ean Arantzazura iritsiko da Ara Malikian biolin jotzaile armeniarraren 15 izeneko espektakulua, musika klasikoa eta herri-musikaren moldaketak urtuz. Ez galdu aukera paregabe hauek. | news |
argia-5065b738e991 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/irlandan-politika-herritarrengandik-urruti-dagoela-sentitzen-dute-gazteek-elite-batzuen-kontrolpean.html | "Irlandan politika herritarrengandik urruti dagoela sentitzen dute gazteek, elite batzuen kontrolpean" | Martin Mendizabal Garai | 2016-07-24 | "Irlandan politika herritarrengandik urruti dagoela sentitzen dute gazteek, elite batzuen kontrolpean"
Grian Ni Dhaimhin Strabanen (Ipar Irlanda) jaiotako gaztea da. Belfasteko Queens unibertsitatean historia ikasten du. Ikasle mugimenduan, Fosil Free erregai fosilen ustiategien aurkako mugimenduan eta gaelikoaren aldeko hainbat kanpainatan parte hartzen du besteak beste. Sinn Feineko gazte erakunde Sinn Fein Republican Youth taldeko kide izan da, nahiz eta bere "formakuntza sozialista behar bezala aurrera eraman ezin izanagatik" taldea uztea erabaki zuen. Bere aita IRAko militantea izateagatik hamabi urtez izan zen espetxean. Ipar Irlandako gazteriaren egoeraz eta problematikaz, feminismoaz eta gazteen egoera prekarioa iraultzeko alternatibez mintzatu gara berarekin Dublinen.
Zein da gazteen egoera Irlandan?
Nire perspektiba landa gunekoa da. Ipar Irlandan lan eta baliabide nahikorik ez dagoenez gazteek alde egin behar dute hirietara. Gazteen langabezi tasa oso altua da eta dauden lan eskasak oso prekarioak dira. Kasu batzuetan, ordea, gazteen kualifikazio altua ere arazoa izaten da. Gazteek politikarekiko oso sentsazio ezkorra daukate eta horrek apatia sorrarazten die. Politika herritarrengandik urruti dagoela sentitzen dute, elite batzuen kontrolpean. Egun ez da politika herritarrik sustatzen. Gazteek ez dakite nola hasi antolatzen aldaketa bat aurrera eramateko.
Erlijioa traba al da?
Bai, Irlanda herrialde oso katolikoa da. Union of Students of Ireland ikasle sindikatuak abortuaren aldeko kanpaina handia egin zuen eta herritarrengan eragin handia eduki zuen. Hala ere, nahiz eta gazteen artean erlijioak garrantzi handirik ez duen, erlijioa posizio aurrerakoiak gelditzeko mekanismo bat da oraindik, freno antzeko bat.
Zeintzuk dira gazteriaren arazo nagusiak?
Alde batetik, unibertsitateko tasak ezin ordaindua. Ipar Irlandako unibertsitate publikoko matrikulak urtero 4.500 euro balio ditu. Ikasleak zorpetu egin behar dira gastuei aurre egiteko. Honez gain, Belfastera ikastera doazen gazte asko ez dira bertan etxebizitza ordaintzeko gai. Horregatik horietako batzuk beraien lagunen sofatan lo egitera behartuta daude. Beste alde batetik, azken urteetan osasun mentalarekin zerikusia duten gaixotasunak asko igo dira. Beren buruaz beste egiten dutenen tasa oso handia da. Ostiral Santuko akordioak sinatu ziren 1998tik gaur egun arte suizidatu diren pertsonen kopurua, Irlandako gatazka armatuan bizitza galdu zutenena baino handiagoa da. Horrez gain, gazteen oinarrizko eskubide asko ez daude onartuak: etxebizitza eskubidea, gay eta lesbianen eskubideak…
"Mugimendu errepublikarrak ez dauka independentziarako bideorririk"
Zer nolako indarra dauka mugimendu feministak Irlandan?
Irlanda oso herri tradizionala izanda "gure gorputzak gure eskubideak" diskurtsoa lantzen ari gara. Emakumea eta sukaldearen binomioarekin puskatu nahi dugu. Mugimendu errepublikarreko omenaldietan emakumeak dira kafeak eta teak zerbitzatzen dituztenak. Emakumeari ez zaio lidergorik ematen, ez baita beraren ahalduntzerik bilatzen. Mentalitate maskulinizatu eta matxista dago Ipar Irlandan. Futbol gaelikoan jokatzen dut. Gure herrian neska eta mutilen taldeak daude. Gizonezkoen kasuan ez bezala, gure taldeak ez du inolako laguntza ekonomikorik jasotzen.
Ba al dago egoera iraultzeko alternatibarik?
Apirilaren 26an, Irlandako independentziaren mendeurrenean, milaka lagun bildu ziren Dublineko kaleetan. Poztu nintzen ospakizunetan mugimendu errepublikarretik at aldarrikapen sozial ugari ere ikusi nituelako. Herriaren boterea izango da aldaketa eragingo duen indarra. Ezer lortu nahi baldin bada indar hori gabe ezinezkoa izango da. Sinn Fein izango bada botere sozial hori kanalizatuko duen indar politikoa, horretan oinarrituta egon beharko den estrategia martxan jarri beharko du. Sinn Feinetik harago begiratu behar da eta prestutasuna eduki. Garrantzitsua da herri sektore horiekin guztiekin aliantzak egitea, beraiek baitira aldaketa eragin dezaketenak.
Zein da alderdi errepublikarraren independentzia plana?
Arazoa da Sinn Feinek ez duela independentzia plan bat, hau da, ez dago argi Irlandako 32 konderrien independentziarengatik borrokatzen den edo Ipar Irlandako probintziak Hegoaldekoei lotuko zaizkien. Ipar Irlandan oraindik publikoak diren zerbitzuak (ura, oinarrizko hezkuntza, osasuna) ordaintzen hasiko gara? Zer esan nahi du Irlandaren batasunak eta nola egingo dugu? Egun ez dago hori lantzen hasteko planik. Ipar eta hegoaldearen arteko adostasuna behar da. Perspektiba ezin da izan komunitate unionista zapaltzera joatea; aitzitik, konbentzitu behar ditugu Irlandaren batasunak guztioi mesede egingo digula. Horretarako alderdi errepublikarrek Ipar eta Hego Irlandako exekutiboetan gehiengoa lortu beharko lukete. Proposamena egin behar zaie loialistei proiektu horretan parte har dezaten. Garrantzitsuena da buruan daukagun utopia paperera eramatea, ikerketa ekonomiko, politiko eta soziologiko sakon bat eginez.
"1998tik Irlandan bere buruaz beste egin dutenen kopurua
gatazka armatuan bizitza galdu zutenena baino altuagoa da"
Hego Irlandan uraren pribatizazioaren aurka sortutako Right2Change mugimendua bide horretatik al doa?
Helburu horiek lortu nahi baditugu alderdietako politiketatik harago joan behar gara. Right2Change oso adibide ona da hori erakusten duelako. Hainbat alderdi eta sentsibilitatetako pertsonak batu dira uraren pribatizazioaren aurka protesta egiteko. Eskoziako mugimendu independentista SNP Eskoziako alderdi independentista baina harago joan zen: emakume, sindikatu eta ikasle mugimenduaren bidez aktibatu egin ziren.
Nork egin beharko du jendea aktibatzeko lan hori?
Edonor izan daiteke. Erica Flemingek, apirilean Dublinen egin zen Sinn Feinen kongresuan diskurtso antologikoa eman zuen. 30 urteko gazte horrek urtebetetik gora eman du bederatzi urteko alabarekin etxegabe, etxerik alokatzeko diru nahikorik ez duelako. Adibide eredugarria da Flemingen kasua, bere egoera pertsonaletik mugimendu bat sortzea lortu baitu. Gaur egun emakume hori etxebizitza eskubidearen aldeko ikur bihurtu izanak erakusten du aldaketarako abangoardiak ez duela zertan antolakunde edo alderdi politiko bat izan. | news |
argia-ee513499dc6a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/zuhaitzen-adorea.html | Zuhaitzen adorea | Jakoba Errekondo | 2016-07-24 | Zuhaitzen adorea
Zuhaitzen balorea etengabe berritu eta gogora ekarri behar izateko odola behar da! Halakoxeak gara. Kopeta galanta eta gibela zabal askoa izango ditugu berriz ere... Azalaren lodiera ez aipatzeagatik.
Azala ere ihartu zaio, ia erabat, zuhaitz erraldoi bati. Amorrazio politarekin eman dit berria lagun batek: tragedia Vaucluseko departamentuko Monteux herrian gertatu da. Frantziako platano handienetako bat hil da. Platano arrunta zen, Platanus x hispanica , eta aurtengo otsaileko neurketaren arabera 8,23 metroko gerria zuen, ohikoa den eran, lurretik 1,3 metrora neurtuta.
Platano arrunta handi egiten den zuhaitz horietakoa da, baldin eta bakea ematen bazaio... Gehienak epaitu, lepatu, mugarrotu eta moztu egiten baititugu. Ustez bi platanoren hibridazioaren edo nahasketaren ondorio da egun hain hedatua den platanoa. Europa eta Asia aldeko Platanus orientalis eta Ameriketako Platanus occidentalis , Espainian nahastu ziren XVII. mendean, elkar topatu orduko... Hortik Platanus x hispanica izena. Tarteko "x" horrek Platanus generoaren barruko bi espezieren arteko nahasketa dela adierazten du eta hispanica hitzak, ba esan beharrik ez dago. Harrezkero mundu osoko hiriguneetan ugaria da platano arrunta. Ingeles berekoiek ez dute haren hispaniartasuna onartu nahi, eta Londresen bertan nahastu zela galdatzeko Platanus x acerifolia deitzen dute. Bejondeiela!
Monteuxen hil den amona zaharrera itzuliz, erabat hil gabe omen da. Animaliotaz ez dugu horrela hitz egiten, baina landareez honela hitz egin daiteke, lasai asko. Landareek bizitzeko hazi egin behar dute, nahi eta nahi ez. Eta platano honek kimu eta hosto berriak emateko kemenik ez. Gaitz hiltzaileak harrapatu omen zuen eta hura mendean hartu ezinik, ezin buelta emanik azkenetan da, amona gajoa. Agidanean, "platanoaren txankro gorria" deituriko gaitzak jo zuen, Ceratocystis platani . Gaitz horrek ez du bueltarik, harrapatzen duen platanoa sei-zortzi urteren bueltan akabatzen du. Milaka eta milaka hil ditu Frantzian. 2009an Euskal Herrian aurkitu zen eta honezkero heda eta heda ariko da. Ez dut nik berarekin topo egin. Baina beldurra ematen du. Antraknosia dela-eta ( Apiognomonia veneta ), makal baitaude gure platanoak; aurten sekula baino okerrago. Txankroak, lehenaz gain, erraz akabatuko lituzkeela iruditzen zait. | news |
argia-694cf2884590 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/atzoko-teknologia-gaurko-hondakinak.html | Atzoko teknologia, gaurko hondakinak | Hegoi Belategi | 2016-07-24 | Atzoko teknologia, gaurko hondakinak
Ezin da zalantzan jarri zaborraren kudeaketak eztabaida eragiten duela gure gizartean. Bada ordea, oharkabean pilatzen ari den zabor mota bat; ia ikusezina da eta gizakion buruen gainean dago, 30.000 bat metro gorago. Espazioko zaborra da, eta arazo larria bilakatzen ari da espazioko ikerlarientzat.
Zabor hitza ez da agian egokiena espazioan dauden materialak definitzeko, espazioan aurkitu daitekeena ez baita astronautek sortutako errefusa edo hondakin organikoa. Burdinazko eta altzairuzko puskak dira gehienak, satelite zaharretatik eta suzirietatik eroritako piezak.
Satelite bat gidaririk gabeko objektua da, espaziora autonomiaz joateko diseinatutakoa. Hainbat motatakoak dira: zientifikoak, komunikaziorakoak, espioitza sateliteak… Misioaren arabera, orbita batean edo bestean egoteko diseinatuko dituzte. Gailu gehienak lurreko orbita baxuan daude zintzilik, hogei kilometrotik goraxeagoko altueran. Sateliteen misioek iraupen jakina dute; erregaiz betetzen dira, eta hura agortutakoan funtzionatzeari uzten diote. Orduan bihurtzen dira baliorik gabeko zabor.
50eko hamarkadaz geroztik, ehunka satelite eta suziri jaurti dituzte NASA, ESA (Europako Espazio Agentzia), FKA (Errusiako Espazio Agentzia Federala) eta beste hainbat agentziak. Gaur egun 9.000 bat satelite daude orbitan. Gehienek egin dute beren lana, eta espazioko zabor dira egun.
Agustin Sanchez Lavega EHUko fisika katedraduna eta Espazio Gelako koordinatzailea da. Dioenez, espaziora tresnak bidaltzen hasi zirenean ez zuten uste objektuen pilaketa inoiz arazo bihurtuko zenik. Baina hala gertatu da, eta arazoa geroz eta larriagoa da.
Orbitan dagoen ia edozein material atmosferan sartuko da noizbait, baina ibilbide horrek ehunka urte iraun dezake. Bitartean, gerta daiteke satelite batek beste baten bidea oztopatzea; orduan gertatzen dira talkak. Talkek berez ez dituzte leherketa handiak eragiten, baina bai barruan duten erregaiak. Satelite batek bere zeregina bukatutakoan, erregai arrastoak geratu ohi zaizkio eta normalean oso errekorrak dira.
Materialen arteko talkak geroz eta ohikoagoak dira. Horien ondorioz, zaborra milaka zatitxotan banatzen da: "Azken datuen arabera, hamar zentimetro inguruko 20.000 puska daude orbitan", dio Sanchez Lavegak, "txikiak dira, baina pentsa ezazue zelako kaltea eragin dezakeen horrelako batek segundoko 7,5 kilometroko –28.000 kilometro orduko– abiaduran doazen puska batek beste bat jotzean. Hori dela eta, ISSko (Nazioarteko Espazioko Estazioa) astronautak kontu handiz ibili behar dira zaborrarekin".
10 zentimetro inguruko 20.000 puska daude orbitan; txikiak dira, baina kalte handia egin dezake horrelako batek segundoko 7,5 kilometroko abiaduran zerbait jotzean
ISS lurreko orbita baxuan dago, hondakin gehien biltzen dituen orbitan hain zuzen. Astronautek etengabe jarraitzen dute objektu guztien ibilbidea; hurbilegi pasa behar badute egoera oso arriskutsutzat jotzen da, eta astronautek segituan ebakuatzen dute ontzia. Arrisku horietarako irtenbide bila nazioarteko agentziek aspaldi jarri zuten martxan konponbide bat. Baina espazioa garbitzea sateliteak jaurtitzea baino askoz ere prozesu neketsuagoa da.
Burdinazko izarren bila
Espazioko zaborra garbitzeko plana sinplea da. Alde batetik, etorkizuneko sateliteak automatikoki suntsitu daitezen diseinatuko dira. Beren eginkizuna bukatzen duenean, ibilbidea aldatu eta atmosferara abiatuko dira, bertan desegiteko. Gezurra badirudi ere, azken urteotara arte ez dira hasi ingeniariak teknologia hori garatzen.
Dagoeneko espazioan dauden hondakinak berreskuratzeko planak, berriz, bi fase ditu: sailkatzea eta berreskuratzea. Kalterik jasan ez duten sateliteak sailkatzea ez da oso zaila, gehienak radar bidez kontrolatzen dituzte eta. Suzirien piezak eta bestelakoak ordea, banan-banan bilatu behar direla dio Sanchez Lavegak: "Tamaina txiki eta ertaineko puskak aurkitzea oso prozesu motela izan daiteke. Satelite handiena ez bezala, zati txiki horien ibilbidea ez dago aurreikusita; hortaz, teleskopio batekin bilatu behar dira".
Elecnor Deimos enpresa espainiarrak espazioko zabor txikia aurkitzeko diseinatutako hiru teleskopio egin berri ditu. Hala ere, era horretako teleskopio gutxi daude oraindik, eta zatiak geroz eta ugariagoak diren heinean, astronomia zaleek egiten dituzten ekarpenak garrantzitsuak dira oraindik.
Hondakin handienei dagokienez, ESAk lokalizatu egin ditu eta hurrengo urteotan orbitatik kentzeko asmoa du. Emmet Fletcher ESAko ingeniari eta zabor espazial alorreko arduradunak dioenez, gutxi batzuk kenduta egoerak hobera egingo luke: "Austingo Unibertsitateko ikerketa baten arabera urtero bi edo hiru objektu handi kenduz gero, egoera kontrolpean mantendu ahalko genuke".
Sateliteak arrantzatu daitezke
90eko hamarkada amaieran espazioko zabor kopurua gutxitu behar zela erabaki zuten nazioarteko espazio agentziek. Bakoitzak bere bidea egin zuen. Europako Espazio Agentzia duela hamabost urte hasi zen e.Deorbit garatzen: zaborra "arrantzatuko" duen sistema.
"Arpoi ala sare baten bitartez, bi tona baino pisu handiagoa duten objektuak harrapatu nahi ditugu. Horregatik arrantzatzera goazela diogu", dio Emmet Fletcherrek. Ingeniari ingelesaren ustez, zabor kopurua murriztu beharra dago eta etorkizuneko sateliteek luzeago iraun dezaten diseinatu behar dira.
Hala ere, analisi katastrofikoak alde batera uzten ditu: "Zabor puska txikiak oso abiadura handian doaz; balak bezalakoak dira, eta egia da gure sateliteek kalteak izan ohi dituztela. Baina ez dira Wall-e filmeko zabor-uhin arriskutsu horiek bezalakoak. Espazioaren zabalera izugarria da. Zaborra pilatzea ekidin behar dugu, besterik ez".
Satelite jasangarriagoak
"Garbiketa ontzia" ez ezik, e.Deorbit-ek eredu aldaketa baten hasiera izan nahi du. Hydrazinaz eginiko erregaia erabiliko du. Hydrazina ez da oso errekorra, beraz, leherketek eragin ditzaketen kalteak ez lirateke hain larriak izango. Gainera, beste erregaiekin alderatuz, ez da hain kutsakorra. Satelite iraunkorra izango da e.Deorbit, hainbatetan erabiltzeko asmoa baitute. Zaborra atmosferara eraman eta erretakoan, e.Deorbit lurreratu eta berrerabili egingo dute. Hala, kostu ekonomikoak nabarmen murriztuko dira.
Lehenik eta behin, ESAk deuseztatuko duen pieza aukeratuko du eta radar bidez jarraitu. Orduan, e.Deorbit zaborra dagoen lekura bidaliko dute; leku egokian dagoenean, arpoi batez zeharkatuko dute kendu beharreko pieza, edota sare batez inguratu. Horixe da parterik konplexuena, ikerlariek ez baitakite biraka doazen materialak puskatuko diren ala ez. Azkenik, e.Deorbitek norabidea aldatu eta atmosferara eramango du harrapatutako zaborra.
Finantzazioaren zain
Horixe da plana; hala ere, arrakasta izatekotan sistema gehiago garatu nahiko luke ESAk: "Etorkizunari begira, e.Deorbitek orbitan dauden sateliteak konpondu eta eguneratzea nahiko genuke. Gailuen iraupena luzatzen badugu, ez dugu izango zertan hainbeste satelite jaurti, eta zabor gutxiago sortuko dugu".
Proiektua nahiko garatuta dute ingeniariek, baina oraindik ez dute erabiltzen hasteko datarik. ESAren egitura deszentralizatua da arazoa: 22 estatuk osatzen dute erakundea, eta 22etako agentziek ados egon behar dute erabakiak hartzeko eta, batez ere, baliabide ekonomikoak baimentzeko. Emmet Fletcherrek dioenez, "estatuek dirurik ez badute ematen guk jai dugu. ESAk biltzar ministerialak egiten ditu lau urtero, eta talde bakoitzak bere proiektuaren eboluzioa eta aurrekontua aurkeztu behar du, finantzaketa berritu dadin".
Aurten biltzar ministeriala egiteko urtea da, eta e.Deorbit sisteman lan egiten duten ingeniariek aurrekontua aurkeztu dute jada. Erantzunaren zain daude bitartean, duela 50 urte modernizazioaren ikur zenak zabor bihurtzen jarraituko du gure buruen gainean. | news |
argia-2b09c35e06ca | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/paramilitarren-eta-ultraeskuindarren-enpresa-batek-etxe-kaleratze-estrajudizialak-egiten-ditu.html | Paramilitarren eta ultraeskuindarren enpresa batek etxe-kaleratze estrajudizialak egiten ditu | Blanca Tod� | 2016-07-24 | Paramilitarren eta ultraeskuindarren enpresa batek etxe-kaleratze estrajudizialak egiten ditu
Luxuzko etxe-agentzia bat eta Desokupa, Europa ekialdeko milizianoek eta arte martzialen borrokalari faxistek osatutako «etxe-kaleratzeen enpresa» bat, elkar hartuta dihardutela salatu du kanpaina batek.
2016ko apirilaren 14a, osteguna, Josep Torres kaleko 20an, Gràcia ijitoaren erdi-erdian. Arratsaldeko laurak. Zortzi gizon gihartsuz osatutako talde batek, igeltsero batez eta sarrailagile batez lagunduta, ate nagusia zulatu eta zerratu dute, erradial bat erabilita. Joan den urteko uztailean gazte-talde batek okupatu zuen ondare historiko gisa sailkatutako eraikina –1892an jasotakoa–. Urtetan abandonatuta egon ondoren, gero eta hondatuago zegoen.
Ingurua zaintzen egon da komandoa, eta eraikinean inor ez zegoela ziurtatu arte itxaron du, han sartzeko. Barrura sartutakoan, areto nagusietako, komunetako eta sukaldeko altzariak eta hormak txikitzeari ekin diote. Babes-taldeak eta hogei bat bizilagun berehala mobilizatu, eta eraikinaren aurrean elkartu dira, eraistea galarazteko. Lortu dute, hein batean. Gizon-taldea eraikinetik atera eta ate aurrean kokatu da, Mossos d'Esquadrako ARROen (Baliabide Operatiboen Arlo Erregionala) lau furgoneta, Udaltzaingoaren bi patruila, Mossoen beste bi, eta suhiltzaileen unitate bat iritsi diren arte. Suhiltzaileak eraikinaren egoera zertan den ikustera sartu dira, eta ez sartzeko aholkatu dute. Mossoek komandoko kideak identifikatu, eta haiekin berriketan jardun dute patxadaz. Haiek beren enpresa-txartela eman diete, Desokuparen telefono eta web-helbidearekin.
Arratsalde hartan, hauxe txiokatu zuen Gràcia Viva informazio proiektuak: «Etengabea izan da poliziaren eta matoien arteko konplizitatea. Irribarreak eta sekretuak belarrira». Gizonek kale-kantoian itxaron dute, eta okupatzaileei baimena eman diete eraikinetik beren gauzak ateratzeko. Handik gutxira, langile batzuek horma bat altxa dute sarreran, Norvet Property eraikuntza-enpresak bultzatuta, eraikina birgaitzeko lanak hasi arte. Biharamunean, eraikinean egitekoak diren proiektua iragarri zuen enpresak bere webgunean.
Gertakari horiei jarraiki, #StopDesokupa kanpaina abiarazi dute bizilagunek eta aktibistek, «etxe-jabe espekulatzaileek matoiak kontratatzen dituztela ikusarazi eta horren aurka borrokatzeko, eta halako jardunen jarraipena egin eta kolektiboki geldiarazteko» helburuz. Beren webgunearen bidez halako neurriak eta haien erantzuleak salatzeko gune bat sortu nahi dute, halaber.
Eraikinaren jabea
«Norveten hitzez hitz hartzen dugu "nahi duenak ahal du" esamoldea. Proiektu batean sinesten dugunean, errealitate bihurtzen dugu. Eta hori bera egitea gomendatzen dizugu zuri. Gehien komeni zaizun etxebizitza bilatu, eta zeure egin; horretan laguntzeko ahal dugun guztia egingo dugu guk». Horixe da Norvet SL etxebizitza-agentziaren aurkezpena. Alon Younger exekutiboak kudeatutako enpresa hau «eraikin bitxiak» birgaitzen espezializatuta dago 2013az geroztik. «Bartzelona gustatzen zaigunez, nortasuna ematen dioten lekuak babestu nahi ditugu. Eraikin xarmadun batek behar dituen maitasuna eta fintasuna eskaintzen dizkiogu guk merkatuari», diote beren webgunean.
Auzoan hedatutako kondairaren arabera, jabea, Agustí Agustí Atzeries, 1.900ean eraikina birmoldatzen ari zela behea jo eta zaharberritze-lanak bukatu ahal izateko dirua lortzeko deabruarekin ituna egin zuen. Horregatik jarri omen zioten Can Demoni "Deabruaren etxea" izena eraikinari. Atzeriesek loteria irabazi eta, bizilagunen iritziaren aurka, fatxada oraindik hantxe jarraitzen duten deabru-buruez betetzea erabaki zuen.
Sareben esku geratu ostean, Roof Capital SL inbertsio-funtsak erosi zuen eraikina, luxuzko pisuak egiteko asmoz. Eraikinen salerosketan diharduen enpresak, Simón Castellá Högbom administratzailea –Banc Sabadelleko zuzendaritzako kide ere badena– buru zuela, Can Dimoniren jabetza Norvet SLren esku utzi zuen urte hasieran.
Abenduan, eraikineko biztanleek salatu zuten ustez jabeek bidalitako pertsona batzuek mehatxatuta eta zaintzapean zeuzkatela, dirua eskaini zietela eta beldurrarazten saiatzen ari zirela. Espazioaren titulartasuna zeukan Roof Capitalek hasitako jarduera haiek bere horretan jarraitu zuten eraikina Norvet SLren esku gelditu zenean. Eraikineko biztanleetako batek dioenez, Alon Younger bera gerturatu zen etxe ingurura, okupatzaileekin hitz egiten saiatzeko. «Beldurrarazteko praktika oldarkor» haiek apirilaren 14an etxe-hustuketa gauzatu zen arten iraun zuten. Desokupa enpresa ez da ageri Merkataritza Erregistroan, eta hango kide batzuk eraikinaren barruko modulu aurre-fabrikatu batean egon dira bizitzen bolada batean, birgaitze-lanak hasi arte espazioa zaintzeko.
Desokuparen komandoa
Zortzi gizonkotez osatutako komando honek mugikor-zenbaki bat eta webgune bat zeuzkan enpresa-txartel bat eman zien mossoei hustuketa-egunean. Zera irakur daiteke webgunean eta Milanuncios.com atari digitalean: «Desokupa. Indarrez eta alokairu-kontraturik gabe okupatutako pisuak utzarazten espezializatutako enpresa, legezko metodoak, 72 ordu baino gutxiagoan berreskuratuko dugu eraikina, penintsula osoan. %90etik gorako eraginkortasuna».
2009an atari berean irakur zitekeen zerbait oroitarazten digu iragarkiak: «Morosos Bcn. Sektorean 20 urtetik gorako esperientzia daukan profesional-taldea. Espezialistak gara ordaingabe, zor eta iruzurren kobrantzak kudeatzen. Metodo arinak erabiltzen ditugu, eta ordaingabeetan espezializatutako aholkularitza juridikoa daukagu. Kobrantza bizkorrak, fakturarik gabe eta B dirutan ere, antzinatasunak berdin dio, geure teknika propioak erabiltzen ditugu eraginkortasun bermatuarekin, etikarekin eta legearen barruan».
Negozio biek izen bat partekatzen dute: Daniel Esteve. Haren telefono-zenbakia harremanetarako zenbaki gisa ageri da Desokuparen webgunean. Horrekin batera, 2008an Morosos Bcn-ren kontra Castelldefelsen egindako polizia-operazioan atxilotu zuten Esteve. Polizia-zirkuluetan El segurata ezizenez ezagutzen zuten, Bartzelona eta Eivissako festa-aretoetan segurtasun pribatuaren arloan lan egiten zuela eta, El Periódicok jakinarazi zuenez.
Zenbait pertsonak (Figueresetik Valentziaraino) Morosos Bcn-ko kideek «modu basatian behartu» zituztela salatu eta gero, Mossos d'Esquadrako bahiketa eta estortsioen unitateak ikerketa bat ireki zuen, Gavàko 3. zenbakiko instrukzio-epaitegiak gidatuta. 2008ko azaroaren 4an, Mossoen Interbentzio Talde Bereziak (GEI) Esteve atxilotzeko operazioa egin zuen, legearen aurkako atxiloketa, irainak, mehatxuak eta zilegi ez den elkarteko kide izatea leporatuta. Polizia-operazio hark oihartzuna izan zuen, parte hartu zuen agenteetako batek urtebeteko espetxe-zigorra eta inhabilitazioa jaso baitzituen. Granada itsutzaile batekin Antonio Coscolini (Daniel Esteverekin batera ari zena gau hartan) eskuin testikulu eta ezkerraren zati bat txikitzeagatik zigortu zuten mossoa.
Eskuin muturra ere tartean
Urte batzuk geroago, Mixed Martial Arts-eko (MMA) borrokalari eta diskoteketako atezain ohiak La Isla Fighting Championship SL ekitaldi-enpresa eratu du. Isla Fighting Championship txapelketak antolatzen ditu enpresak. Borroka-jaialdi horien bosgarren edizioa Vall d'Hebron pabiloian egin zen maiatzaren 15ean, MMA, K-1, Muay Thai eta boxeoko nazioarteko borrokalariak elkartu ziren.
Zenbait lekukok adierazi dutenez, Can Dimoniko hustuketan parte hartu zuten komandoko gainerako kideak gidatzen eta posizioak eta eginkizunak agintzen aritu zen Daniel Esteve, kirol-topaketa hori baino aste gutxi batzuk lehenago. Dena den, lekukoek diotenez, «beste komando bat» kontratatzeko gomendatu zion Estevek eraikinaren inguruan zebilen Can Dimoniren jabetza daukan enpresako kide bati, ez baitzekien zeuzkan gizonekin «eraikina gauez defendatzerik» izango ote zuen.
Taldekideetako batzuk Facebookeko argazkietan ageri dira Bartzelonako eta Castelldefelseko arte martzialetako gimnasioetan entrenatzen. TV3ko Entrelínies saioko kapitulu bat, 2008ko otsailean emandako «Kontrolpeko indarkeria» izeneko monografikoa, ikusi eta gero taldekide horietako bat identifikatu dute Gràciako hustuketan izandako zenbait lekukok: Ernesto Navas. Ikus-entzunezko dokumentu hartan, Navas «borroketan aditua» bezala definitu zuen TV3k.
Navasek berak borroketan aritzen zela onartu, eta zera esaten zuen: «Borroketan ondo pasatzen duzu». Halere, ezkondu eta ume bat izan eta gero, «bizimodua aldatzea» erabaki zuela erantsi zuen. Camp de l'Arpako metroan hiru gazte redskin jipoitu eta haietako bati labankada bat sartu ondoren hasitako auzibidean hilketa-saiakeragatik zigortu zuten Navas, 2006ko urrian, artean adingabea zela. Dokumentalean bertan dioenez, bi urte eta bi hilabete eman zituen horregatik zaintzapeko askatasunean. Geroago, «birgizarteratze soziala» egin omen zuen, Muay Thaiko Chinto Mordillo munduko txapeldun ohiak Nou Barris auzoan daukan Meguro Roquetes gimnasioan bultzatzen duen bazterreko borrokalarientzako programari esker.
Gimnasio horretako argazki batzuetan –Perro de pelea [Borroka-txakurra] izenez ere ezagutzen dena– besoan svastika nazi baten tatuaje handi bat ikusten zaio Navasi, eta «Rudolf Hess» nabarmen bat abdominaletan, Alemania naziko buruzagi historikoaren omenez. Desokupako egungo komandoko kideetako batzuk duela bi urte itxitako gimnasio hartan elkartzen ziren. Horien artean, Daniel Esteve eta bere entrenamentuetako laguna, Jivko Ivanov komandantea.
Can Dimoniko desalojoan parte hartu zuen Ivanovek. Komandantea deitzen diote zenbait gatazka armatutan parte hartu duelako: Kosovon, independentziaren aurka borrokan, edota Ukrainako gerra zibilean, Krimea Errusiara batzearen aldeko batailoietan aritu zen. Ivanov Stop Islamisation of Europe (SIOE) Islamaren aurkako Europa mailako mugimenduko kidea eta Bulgaria Alba Ortodoxa talde armatu arrazistako militantea da. | news |
argia-4ff6023dbcad | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/deskonexioa-izaki-bitxia-da-gizakia.html | Deskonexioa: izaki bitxia da gizakia | Edu Zelaieta Anta | 2016-07-24 | Deskonexioa: izaki bitxia da gizakia
Laster deskonektatzera joko dugula ari gara elkarri iragartzen: "Nolako gogoa, aizu!". "A zer beharra, hi!". "Eskerrak sikiera urtean behin deskonektatzeko aukera dugun". Deskonektatzearena, bistan denez, metafora da, garai digitalari berez dagokion hitzen bidezko irudia: oporrez ari gara deskonexioaz ari garelarik.
Deskonexioa behar-beharrezkoa dugula aldarrikatzen dugu maiz etxean, lagunartean. Halarik ere, metaforarik gabeko deskonexioak gero eta urrutiago dagoela dirudi, gero eta atzerago iraganean. Interneteko konexioaren gaineko ikerketek berresten dute joera: gero eta denbora gehiago ematen dugu sarean, konektatuta. Beste arlo batzuetan gertatzen den bezala, inork ez du portaera sozial nagusitik kanpo gelditu nahi; bazterkeriak zakar joka dezake fin bezain.
Beldurra ematen digu deskonektatuak gelditzeak, mundu fisikoan nahiz digitalean. Ez dugu izu-terminoetan adierazten normalean, baina aise suma daiteke beldur hori, marketinaren ahalak hauspotuta, bizimodua errazten omen diguten dispositibo elektronikoetan. Inoiz ez gara hain konektatuak bizi: hortik etorriko al da deskonexioaren beharra?
Izaki bitxia izaki gizakia. | news |
argia-e0475f4dda55 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/erosoago-eta-gehiago-erosteko-orga.html | Erosoago (eta gehiago) erosteko orga | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-07-24 | Erosoago (eta gehiago) erosteko orga
1936an Sylvan N. Goldman Standard eta Piggly-Wiggly janari-denda kateen jabea zen Oklahoman (AEB). Bezeroak kutxetara paperezko poltsak erdi hutsik iristen zirela konturatu zen, poltsak erraz puskatzen zirelako eta bezeroei ez zietelako dendan lasai ibiltzen uzten. Aulki tolesgarri bati gurpil batzuk eta bi saski erantsi zizkion, bata bestearen gainean, eta, hala, erosketetarako orga asmatu zuen (argazkian). Asmakizunak arrakasta handia izan zuenez, Godmanek elikagaien sektorea utzi zuen eta orga fabrika bat sortu zuen 1947an. Enpresa berria, besteak beste, aireportuetan maletak garraiatzeko erabili ohi ditugun orgak merkaturatzen lehena izan zen. | news |
argia-7497e84ed484 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/80-urte-ondoren-inpunitatea-nagusi-espainian.html | 80 urte ondoren inpunitatea nagusi Espainian | Xabier Letona | 2016-07-24 | 80 urte ondoren inpunitatea nagusi Espainian
Unean uneko indar harremanek finkatzen dute herrialde edo gizarte baten memoria, areago gatazka bortitza edo gerra bat tartean dagoenean. Horrexegatik esaten da historia garaileek idazten dutela. Francoren 1936ko altxamendua eta harrez geroztik gaurdaino Espainian bizi izandakoa horren adierazgarri bat gehiago da. Lehenik eta behin, 40 urteko diktadura frankistak mokadu batean irentsi zituen galtzaileen egia, justizia eta erreparazioa.
Nazio Batuen Erakundeak Francoren erregimena "faxistatzat" jo zuen 1946an, batez ere "Hitlerren Alemania naziak eta Mussoliniren Italia faxistak emandako laguntzarekin finkatua" izan zelako. NBEren 39. ebazpen haren iritziz "ez zuen Espainiako herria ordezkatzen", "indarraren gainean" eraiki zelako. NBEren iritziak jai izan zuen, ordea, AEBetako onespenaren aurrean. Franco aliatu bat gehiago zen "mehatxu sobietarrari" aurre egiteko eta amerikarren onespenak, NBEko gainerako herrialdeena ekarri zuen erreskadan, indar ez legitimoaren gainean finkatutako estatua izan arren.
NBEren ebazpen hartatik 68 urtera, PPren eta PSOEren Espainia harro dago Trantsizioaren bidez Espainiak egindako bideaz. Nazioarteko erakunderik garrantzitsuenak, aldiz, errieta gogorra egin zion Espainiari NBEren Giza Eskubideen XXVII. Kongresuan 2014an. Bertan aurkeztutako bi txostenek argi adierazten zuten frankismoak Espainian zuen inpunitateaz, batetik, eta Espainiako Justiziak nola oztopatzen zuen frankismoko eta Gerra Zibileko garaiko krimenen ikerketa, bestetik. Ez zen lehenbiziko aldia, 2012an ere NBEko goi mailako ordezkariek gogor salatu zuten PPren Gobernuaren politika egia eta justiziarekiko. Beste nazioarteko erakunde batzuk ere kritiko azaldu dira Espainiaren jarreraz, esate baterako 2006ko ebazpenez Europako Kontseiluko Parlamentarien Batzarreko Batzorde Iraunkorra; edo aurten bertan Europako Kontseiluko Giza Eskubideen Goi mailako Batzordea.
36ko gerrako 114.226 desagertu daude oraindik lurperatuak. Mundu mailan hobi komun gehien dituen bigarren herrialdea da Espainia, Kanbodiaren ostean. 30.960 ume lapurtu zituen frankismoak eta erregimenaren aldeko familiei eman zizkien horietako asko, baina ez da ikerketa judizialik bideratu gertatutakoa argitzeko eta haurrek egiazko identitatea berreskuratzeko. Esklabo gisa erabili ziren 400.000 presoekiko eta berauek erabili zituzten enpresei buruzko ikerketa judizialik ere ez da ireki.
Espainiako Justiziak krimen hauei buruzko ikerketa judizialik egiten ez duenez, Maria Servini epaile argentinarrak egin ditu hainbat justizia unibertsalean oinarrituta. 2014aren amaieran Servinik 18 pertsonen estradizioa eskatu zuen eta 2015ean Espainiako Gobernuak ukatu egin zizkion. Espainiako Auzitegi Nazionalak horietako biri deklarazioa hartu zien eta pasaportea erretiratu. Chistof Heyns, Ariel Dlitzky, Juan Mendez eta Juan E. Mendez NBEko goi komisionatuek gogor kritikatu zuten Mariano Rajoyren Gobernuaren erabakia. PPko buruzagien hitzetan dozenaka mespretxuzko adierazpen aurkitu ahal ditugu hemeroteketan frankismoaren biktimez, "hilobiekin astunak direlako" edo 1936ko Gerra Zibilean kontua ez delako "gaizto eta onen" artekoa, besteak beste.
Euskal gatazkaren memoria, justizia eta egiaren bidea egiten ari da urteotan Euskal Herrian. Bere arazorik handiena ez da ezker abertzaleak ez duela autokritikarik egin nahi edo ETAk ez duela armarik entregatu, baizik eta galtzaile eta irabazleen eskeman eraikia dagoela. Eta, beraz, borondate on ugariren gainetik, ondorio nagusiak ere ikuspegi horretatik finkatzen ari direla. Horregatik, esate baterako, Espainiako Estatuak ez du inoiz onartuko sistematikoki torturatu duela. | news |
argia-7de22051e965 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/jantoki-jasangarriak.html | Elikadura ere badelako hezkuntza | Garazi Zabaleta | 2016-07-24 | Elikadura ere badelako hezkuntza
Isere departamendura (Rhône-Alpeak eskualdea, Frantzia) bidaia egin zuten, Gure Platera Gure Aukera plataformak antolatuta, Etxaldeko hainbat baserritar, Jata Ondo eta Urkiola Landa Garapenerako Elkarteetako ordezkariak, EHIGE Euskal Herriko Gurasoen Elkarteko kideak, VSF Herrien Bidezko Elikadura GKEko partaideak edota LAB sindikatuko kideak.
Eskola jantoki eredu berrien bila egin zuten bisita. Etxalde aldizkarian kontatu dituzte bizitako esperientziak.
Eskolan ere, bertatik eta bertarako
11 eta 15 urte bitarteko eskoletan 20.000 menu baino gehiago ematen dituzte egunero Iseren. Otordu horietan erabiltzen duten elikagaietatik %25 bertako produktua izatea lortu dute jada, eta %16 ekologikoa. Tokiko administrazioak hartutako jarrera gako izan da horretarako: merkaturatze bide laburren aldeko hautua egin dute egitasmo anitzak martxan jarriz.
58 eskoletako jantokietako otorduak prestatzeko zazpi sukalde zentral kudeatzen ditu departamenduak. Bestalde, zenbait eskolek beren sukaldea dute, baina denek ere bide beretik egiten dute lan: inguruko hiru ekoizle talderi erosten dizkiete produktuak sukaldeok.
Apustu zabalago baten parte
Eskola jantokiena ez da, ordea, neurri isolatu bat. Nekazaritza Ganberak tokiko ekoizleak elkartzea lortu du bultzatu dituen politiken bidez. Esaterako, produktu ekologikoak eskaintzen dituzten 50 ekoizle kooperatiba berean biltzea lortu dute (Magenz bio). Bere produktuen heren bat jantokiei saltzen die kooperatibak. Bestalde, hiltegi publiko bat ere martxan dute departamendu galiarrean, baita tokiko ekoizleen barazkiak moztu eta ontziratzen dituen Legumerie AB Epluche izeneko sozietate mugatua ere.
Isereko bisitan parte hartu dutenek garbi azaldu dute hurbileko kanalak indartzea alde askoren elkarlanari esker eman dela: eskualdeko gobernuko alor ezberdinek (hezkuntza, nekazaritza eta osasun publikoa), udaletxeek, ekoizleek eta kontsumitzaileek bat eginik.
Kanpoko bizipenak eredu hartuta, gurean ere ari dira asko lanean horrelako esperientziak martxan jartzeko. Eskola jantokietan bertakoa, era jasangarrian ekoitzia eta osasuntsua eskainiz ere ikasleak hezitzen ariko ginatekeelako. | news |
argia-981c448ce469 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/habla-como-dios-manda.html | �Habla como Dios manda! | Pako Sudupe | 2016-07-24 | �Habla como Dios manda!
Oraindik orain gertatu da Gipuzkoako udal bateko aholku batzorde batean. EH Bilduko bozeramailea euskaraz hasi zen bere taldearen iritzia agertzen –gaztelaniaz errepikatu ohi du euskaraz esandakoa–, eta erdaldun elebakar lotsagabe batek brastakoan lau hitz iraingarri horiekin eten zion hitza: "Gogait eragiten didazu ezin ulertuak egiten zaizkidan hitz horiekin, nori eta niri, PSEko zinegotzi naizenez, euskaraz jakin gabe eskubide guztien jabe naizen honi".
Hitz egizu Espainiako 1978ko Konstituzioak denok jakitera eta erabiltzera derrigortzen gaituen hizkuntzan, hitz egizu kalean bezala udaletan ere nagusi den hizkuntzan, jakitera beharturik ez gauden hizkuntza lander eta zail hori bazterturik.
EAJko batzordeburuak kargu hartu omen zion iraintzaileari esanez berak ere ahalegina egin behar duela erdaraz egiteko, eta elkarrekiko begirunearen izenean, iraintzaileak berak ere egin behar lukeela ulertzeko esfortzua. Ez da, baina, hedabideetara iritsi, eta iritzi publikoan ez du aztoramenik sortu.
Jainkoak ez diola ezer agintzen erantzun omen zion irainduak iraintzaileari; Jainkoak ez, baina Espainia politiko eta soziologikoak bai, eta gu barru-barruan gauzkan euskal gizarte aski espainiartu honek ere bai
Udaletan euskaraz ere funtzionatzeak karga erantsia du; lehenbizi, euskaraz, maiz, laburrago, sakrifikatzea hain gogaikarria izan ez dadin; gero, erdaraz, benetan balio duen hizkuntzan, elebakarrak hizkuntza bakarrean patxada ederrean bizi direlarik.
Benetako egoera irmotu horrek ondorio kaltegarri larriak ditu: politikari elebidun gehienak ez daude euskaraz erdaraz bezain trebatuak, bereziki idatziz, eta euskara ez da administrazioan normalizatzen; neke gehigarria du euskaraz lan egiteak, eta denok dakigu zer gertatzen den neke gehiago eskatzen duen zernahirekin: alde batera uzten dela asko baino lehen. Iraun dezakegu honela?
Itzultzaile sarea zabaltzeak onurak ekar ditzake hein mugatu batean, baina benetako irtenbidea hautetsi izateko elebidun izan beharra ezartzea da. Gaztelaniaren inposizio (azken ehun urte eta gehiagoan) tematiari euskararen inposizio guztiz bidezkoarekin erantzunez baino ezin zaio arazoari duen tamainaren araberako aterabidea eskaini, eta horretarako lehentasunen artean sartu beharra dago afera hau.
Jainkoak ez diola ezer agintzen erantzun omen zion irainduak iraintzaileari; Jainkoak ez, baina Espainia politiko eta soziologikoak bai, esango nuke nik, eta gu barru-barruan gauzkan euskal gizarte aski espainiartu honek ere bai. Neurririk hartuko al da berriro horrelakorik gerta ez dadin? Berriki onartutako Udal Legeak ez dio aterabiderik eskaintzen. Noiz helduko zaio hautetsi izateko elebidun izan beharraren eskakizunari?
Bistakoa da, erdaldun elebakarren morroi eta neskame izaten jarraitzen dugula 2016ko urtean. n | news |
argia-739413f113a7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/eskolek-itzuli-diete-emakumeei-tradizioak-isildutako-ahotsa.html | Eskolek itzuli diete emakumeei tradizioak isildutako ahotsa | Estitxu Eizagirre | 2016-07-24 | Eskolek itzuli diete emakumeei tradizioak isildutako ahotsa
Uztailaren 11tik 16ra inprobisatzaileen Kulturarteko Topaketak egin dira bigarrenez Euskal Herrian, lehen aldi hartatik 13 urtera. Mintzolak antolatu ditu, Donostia2016 Kultur Hiriburutzaren babesean. Transmisioa, hizkuntza gutxituak eta genero ikuspegia ardatz hartuta, goizean jardunaldi akademikoak egin dira eta arratsaldez emanaldiak.
Herri bakoitza mundu bat izanik ere, emakumeak urratzen ari diren bidea bera dela ondorioztatu dezakegu Kuba, Huasteca, Gales, Mallorca eta bertako inprobisatzaileen bizipenak entzunda.
Yunet Lópezek sehaskatik jaso zituen laute instrumentua eta dezima. Bere sehaska Kubako etxe oso berezian tokatu: birraitona zuen Rigoberto Rizo Maldonado repentista handia. 1940ko hamarkadan edo "repentismoaren urrezko aroan" nagusi ziren inprobisatzaileak etxean ezagutu zituen. Lópezek, uztailaren 12an emandako hitzaldian, umore handiz kontatu zuen etxekoek bere dohaina nola deskubritu zuten: "Inork ez zekien nik inprobisatu nezakeenik, eta oso berandu jakin zuten. Zergatik? Neskatoa nintzelako. Gure etxeko arreta guztia nire lehengusuarengan jarria zegoen: mutikoak 10 urte bete zituenerako egin zioten bere dezima, ikasi zezan…". Bere ikastetxean lehen saio bat egin zuten repentismo tailerrerako ikasleak erakartzeko, baina berak ez joatea erabaki zuen, "nahiago izan nuen film bat ikusi". Gelara itzuli zenean, ordea, erraz asko osatu zuen dezima: "Niri inork ez zidan erakutsi behar neurririk, ezta zerk zerekin errimatu behar zuen ere. Etxetik, entzunaren entzunez, barneratuta nuen".
Repentismo tailerrean Alexis Díaz Pimienta izan zuen irakasle, Kubako inprobisazioaren ikas metodoaren sortzaile eta repentista handia. Jarraian, berak ere repentista tailerrean irakasteari ekin zion: "Hazten joan ahala, lehengusu hura musikari bihurtu da eta inprobisatzaile ni. Birraitonarekin behin bakarrik kantatu nuen: repentismo tailerreko ikasturte bukaerako nire oparia izan zen ikasle bakoitzarekin gure etxean dezima bat kantatzea, eta bukaeran birraitonak esan zuen berak ere kantatuko zuela. Berak egin zidan niri oparirik handiena".
Lehengo tradiziotik gaurko tailerra
Lópezen esperientziak ongi islatu dezake munduko txoko bakoitzeko emakumeek jendaurreko inprobisazioan egiten diharduten bidea: etxean belaunaldiz belaunaldi transmititu den tradizio maskulinoan zirrikitu bat zabaltzea, tailerrek edo eskolak sortzen dituzten testuinguru parekideagoak baliatuta. Halaxe kontatuko zuen Arantzazu Loidik uztailaren 12ko hitzaldian, Almeneko bertso eskolaz, alegia, lehen bertso eskolen esperientziaz ari zirela: "Gure irakasleek bat gehiago izan nendin zaindu zuten. Taldearen babesa ere niretzat oso garrantzitsua izan zen, kantu-lagunak lehendik nituen lagun min. Txapelketara joaten hasi ginenean, han bai, arduratu ziren ni neska nintzela oroitarazten". Loidik eta Jon Sarasuak bertso eskola haietatik irakasleen pasioa azpimarratu zuten, "eurei hainbeste gustatzen zitzaiena guri erakutsi nahi ziguten. Teknikaz ezagutza handirik izan gabe".
Antzeko iruditu dakiguke Rebeca Limón, Dana Sofua Limón eta Diana Lauraren ikasketa prozesua: Mexiko DFkoak izanik, egun batean huapango tailerrerako pausoak eman zituzten. "Huapangoa musika indigena eta flamenkoaren arteko nahasketa da" azaldu zuten, hauek ere, uztailaren 12an. Hitz eta musika finkoak ditu, baina batzuetan son huasteco deritzaion bat-bateko estrofak kantatzen dituzte. "Huapangoa belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, baina gu hirikoak gara eta gure gurasoek ez zuten musika hau ezagutzen. Kasualitatez topo egin genuen gure irakaslearekin. Eskolatu gabea da, baina oso jakintsua, bizitzaz asko dakielako. Eta gure kulturarekiko maitasuna helarazi digu. Entsegu bakoitzean kontatzen zigun bere esperientziaren bat, esaterako, bere garaian oinez bide luzea egin behar izaten zuela emanaldietara joateko eta horregatik saiatzen zela joandako lekuan ahalik eta gehien ikasten. Ez digu teknikarik irakatsi, 'jarri hatza hemen, jarri hatza han' soilik esaten zigun, eta guk jo, soinu ona atera arte".
Tailerrak inprobisazioaren biziraupenerako gako direla argi dute: "Gazte askok huapangoa jotzen dugu, baina oso arraroa da trobatzen, inprobisatzen ikustea. Inprobisadoreak zaharrak dira eta hiltzen ari dira. Horretaz jabetuta, tailerrak ireki dituzte, eta guk ere hor ikasi dugu. Baina inprobisadore askok nahiago du ez besteei irakastea, 'niri ikastea hainbeste kosta bazait zuri ere kostako zaizu!' pentsatzen dute". Tailerrek zabaldu dietela emakumeei oholtzarako atea kontatu zuten: "Lehen gizonena zen huapangoa, emakumeek dantza egiten zuten oholtzapean. Tailerrek hori aldatu dute, orain emakumeen ahotsa ere entzuten da, eta egun tailerretan emakume gehiago dago gizonak baino".
Tailerretan hamalau, oholtzaratu eta lau
Maria Isabel Serverak umore handiz kontatu zuen uztailaren 13ko mahai-inguruan Mallorcako glosadore emakumeek ez dutela kontzientzia kolektiborik garatu oraindik, "bi bakarrik garelako". Etorkizunean du esperantza, ordea: "Tailerretan parte-hartzea orekatuago dago, erdi eta erdi izango gara". Zergatik diren bi bakarrik? Azalpena ezagun egingo zaio irakurleari: "Glosaren testuingurua oso maskulinoa zen, gauez eta tabernetan kantatzen zen, eta hor emakumeek ez zuten sarbiderik. Tradizioek gauza on eta txarrak ematen dizkigute, eta hau da horietako bat. Katalunian egoera ezberdina da: transmisio naturala eten egin da, eta kantari zaharrak erreferentzia hartu arren, berrasmatu egin dute. Horren ondorioa da aurten egin duten sariketako parte hartzea: 8tik 5 emakumeak izan dira".
Kuban ere bere tailerrean gehiengoa neskatilak direla kontatu zuen mahai-inguru berean Lópezek, "baina oholtzarako pausoa ematerakoan, zenbakiak irauli egiten dira". Miren Amurizak horrela azaldu zuen atzerakoa: "Iristen da adin bat bertsolaritza jolasa baino zerbait serioago bilakatzen dena eta nerabezaroarekin gurutzatzen da. Etapa kritikoa izaten da eta neska askok atzera egiten dute. Zer gertatzen da une horretan? Bakoitzak bere beldur eta mugak dauzkagula. Muga hori gainditu dugunok, urteekin beste inprobisatzaile emakumeekin hitz egitean jabetzen gara norberaren beldurrak ez zirela norberarenak, denek bizi izan ditugula. Horregatik da garrantzitsua inprobisatzaile emakumeak elkarrekin biltzea eta gauza hauez hitz egitea. Horrela, atzetik datozenei ere bidea errazteko aukera daukagu. Bi bideak egin behar dira, kolektiboa eta bakoitzak berea".
"Garai interesgarrian"
Inprobisazio emanaldi bateko emakume bakarra izateak dakartzan ondorioez aritu ziren. Nagusia: emakumeen bozgorailu bihurtzen dela inprobisatzaile hori, emakume arketipikoa irudikatzen duela, "emakumea" (bat eta bakarra bailitzan). Eta horrek oso bide estua uzten duela norberaren ahotsa garatzeko. Maialen Lujanbiok pozik azaldu zuen Euskal Herrian panorama aldatzen ikusten duela: "Emakume bertsolari kopurua zabalduz doa eta oso emakume desberdinak dauzkagu plazan: duela 40 urte onargarri izango ez lirakeen perfilak ere bai, gainera. Emakume ezberdinak izateak dakar diskurtso, iritzi, kantakera desberdinak plazaratzea. Horregatik, emakumeen arketipo izan den emakume bertsolari hori erlaxatu daiteke, mezu hori emakume gehiagok emango dutelako, eta has gaitezke emakumeen ñabardurak lantzen, ez beti korrekto agertzen, alde itsusiagoak taularatzen… Sortzaile bezala sekulako lasaitasuna ematen du, eta sormenerako abaniko kreatiboa zabaltzen".
Poesiak ez du generorik, baina...
Karen Owen da Galesen jendaurrean poesia inprobisatua deklamatzen duen emakume bakanetakoa. Generoa gainditzearen alde mintzatu zen: "Poema irakurtzean inoiz ez dut galdetzen gizon edo emakumeak egina den. Batzuetan, tradizio maskulinoaren barruan, poesiei darien matxismo eta testosteronaren erdian, galdetzen dut, non geratu da sentiberatasuna? Ez du zerikusirik generoarekin, poetarekin du zerikusia. Poesiak zer sentimendu eragiten dizkidan, hori da begiratzen dudana. Izan ere, metrika eta errimaz gain, ez dugu ahaztu behar bihotza, bihotzak helarazten gaitu publikoarengana. Baina poemak ez du generorik". Azken esaldi honekin bat egin zuten munduko beste txokoetako inprobisatzaileek, baina Lujanbiok afera konplexuagoa dela zehaztu zuen: "Ados, bertsoak ez dauka generorik, inporta duena bertso ona da. Baina esaldi horretan testuingurua falta da. Bertso ona bada inporta duena, gakoa litzateke zer den bertso ona, eta hor hasiko ginateke testuinguruarekin talkan eta galderak sortuko lirateke. Berdin entzuten diren ahots guztiak, bertsoa ematerakoan konfiantza eta sinesmen bera duten denek, ez baldin bada, nondik datorren heziketa hori… Bat-batekotasuna ezin da testuingurutik kanpo aztertu. Emakumeak emakume bezala dituen zailtasunak testuinguruari lotuta daude. Obra da inporta duena, baina norbaitek sortzen du, eta hargatik era batera jasotzen edo entzuten da".
Uztailaren 13ko mahai-inguruan, munduko emakume inprobisatzaileek bizipenak partekatu ostean, arratsaldean, oholtza partekatu zuten. Tabakalerako saio hura ere bizipenetatik hobe aditu zitekeen, hitz hutsetatik baino.
Goiko eta erdiko argazkietan Tabakaleran egindako saioaren irudiak. Beheko argazkian uztailaren 13ko mahai-ingurua: Ainhoa Agirreazaldegi, Karen Owen, Maria Isabel Servera, Rebeca Limón, Yunet López, Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza. | news |
argia-9b137ec28ccf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/mendatako-nostradamus.html | Mendatako Nostradamus | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-07-24 | Mendatako Nostradamus
Mendata (Bizkaia), 1819. Eulalio Intxausti Gomeztegi jaio zen –hainbat iturrik, hala nola Joxemiel Barandiaranek eta Jose Luis Ortigosak diote Hilario zuela izena–. Gaztetan baserriko lanetan aritu zen eta ez zuen sekula gaztelania ikasi; euskara hutsez moldatu izan zen beti. Azken Gerra Karlistan, iragarpenak ziurtasun handiz esaten hasi omen zen eta, berehala, profeta edo igarle esaten hasi zitzaizkion ingurukoak.
Ez dakigu zehazki nondik zetorkion dohaina. Behin Kortezubiko Salbide baserrira joan omen zen arrebari bisita egitera eta, bueltan, Mendatara bidean, emakume batekin egin omen zuen topo. Arratzuko Santo Tomas elizara iritsi zirenean, emakumea iragarpenak egiten hasi omen zitzaion. Beste bertsio batek dio behin gizonezko misteriotsu batekin egin zuela topo eta handik aurrera etorkizuneko irudipenak etortzen hasi zitzaizkiola.
Kontua da arrakasta handia lortu zuela Intxaustik eta goizero baserrira bisitari andana iristen zitzaiola etorkizunari buruzko erantzunen bila.
"Bezero" partikularrak hartzeaz gain, XX. menderako iragarpen orokor ugari egin zuen. Gurdiak tximista bezain bizi ibiliko ziren; Bilbo aglomerazioak jango zuen eta jendeak elkarri enbarazu egingo zion; erlijio katolikoa gainbehera etorriko zen, apaizen beraien erruz; kale-argiek bazter guztiak argituko zituzten, ipurtargiak bailiran; zeruan txori handi modukoak azalduko ziren, gizakiek gidatuta; eta txori horiek, prusiarrek gidatuta, Gernika erreko zuten oso-osorik...
1937ko Gernikako bonbardaketaren iragarpena ikusten du askok hor, baina, Intxaustik ikusten omen zuena sekula idatziz jaso ez zuenez, ez dakigu azalpenak zehaztasun horrekin eman zituen ala bere hitzak gerora moldatuak izan ziren gertatutakoarekin bat egiteko.
Munduaren akabera gertu ikusten zuen eta horren seinale izango omen zen bidegurutzeak nonahi eta tabernak ia ate guztietan egongo zirela. Aita Barandiaranek dio tabernen aipamena ez zela ezohikoa eta, esaterako, Ataunen eta Zeanurin ere zurruta eta apokalipsia lotu izan zituztela.
Mendatako igarleak ez zuen sekula proselitismorik egin; ez zen baserritik irten jarraitzaile bila. Bere zerbitzuengatik ere ez zuen ofizialki kobratzen. Hori bai, bisitariak oiloa edo barazkiak besapean zituztela etortzen omen zitzaizkion. Beharbada, eskatu gabe ere ordainsari bikaina jasoko zuela igarriko zuen. | news |
argia-7946e4481778 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/aritz-galarraga-irakaslea.html | "Ez nuen Euskal Herri txiki batean bizi nahi Bartzelonan" | Miel Anjel Elustondo | 2016-07-24 | "Ez nuen Euskal Herri txiki batean bizi nahi Bartzelonan"
ARGIAko kolaboratzaile fina Bartzelonatik Aritz Galarraga unibertsitate irakaslea. Hamaika ditu, gatz eta piper, parte hartzeak han eta hemen. Ongi etorri beraren kritika minak, beti eta gehienean errespetuz, ironiaz eta umorez eginak.
Herrialde Katalanetan bizi izanagatik ere, testuak han eta hemen publikatzen dituzu. Bost elkarrizketa baino gehiago egina, eroso ez zuzeneko solasaldian?
Erosoago idatzizkoaren lurraldean. Azken urteotan egin dudan lanari begiratzea aski da horretaz konturatzeko. Alegia, idatzizkoa landu dut gehienbat, eta idatzizkoaren lurralde horretan bertan ere heterogeneo jardun dut, era askotako testuak produzitu ditut, eta ez naiz ahozkoan trebatu, ez naiz abila, bertsolariaren sen eta etorririk ez dut, eta horrela, erosoago ibili behar idatzizkoan.
Katalanak badu ahozko jario errazik?
Bai, dudarik gabe. Katalanak hemengoa baino hezkuntza-egoera egonkorragoa du, hiztun kopuru handiagoa –hamar milioi, diote azken inkestek–, tradizio finkatuagoa bai literaturan bai ahozko erregistroari dagokionez. Ahozkotasuna landuagoa du katalanak. Haien eta gure arteko diferentzia nabarmena da hango hiztunak normal hitz egiten duela katalan estandarizatua, edozein egoera eta erregistrotan, eta hemengoa, aldiz, ez dela horretarako gai, oraindik. Hartu Barçako futbolari katalan hiztuna: maila bera du katalanez eta espainolez. Besterik da zein den futbolariaren maila hori, zertaz hitz egiteko gai den ostikolaria edozein hizkuntzatan ere, terreno labainkorra hori.
Kar, kar…
Hizkuntzaren erregistro, aberastasun eta naturaltasunari dagokienez, gaitasun bera du –Piqué batek, adibidez–, katalanez zein espainolez. Ez da gure kasua: hemen, euskara hiztuna euskaraz ari delarik, eskas ditu hiztegia, ohitura eta naturaltasuna. Alde handia dago hango eta hemengoen artean. Bi hizkuntzen arteko ezberdintasun handietako bat.
Nola segitzen duzu Bartzelonako urrunetik hemengo herrialitatea ? Inori irakurria dio hitz hori ere, herrialitatea …
Fisikoki leku batean egonagatik ere, ez da zaila bestenon edo nongo aktualitatea jarraitzea, eta are gehiago, aktualitate horretako parte izatea. Badakit garai batean kasik ezinezkoa zela hori, hau da, gaur egun nik egiten dudana egitea. Nire bizimodua ez da, finean, Hondarribian bizi denaren zeharo bestelakoa: denbora asko pasatzen dugu ordenagailu aurrean, eta beraz, internet, telefono eta gainerako tramankuluen bidez komunikazioa momentukoa da. Esaterako, egunean zehar, ia gehiago hitz egiten dut Euskal Herriko jendearekin, Kataluniakoekin baino, dela whatsapp bidez edo bestelakoz.
EHUko Psikologia Sozialeko irakasle emeritu Sabino Aiestaranek ontzat ematen du sare bidezko harremana, baina, urtean behin bada ere, bilera fisikoa behar dela dio.
Bai, harremanak oso diferenteak dira birtualak direnean, osoki, edo, aldiz, presentzia fisikoa ere badutenean. Harreman birtualak puntu bateraino heltzen dira. Hortik aurrera, zuzeneko harremana behar da: elkar ikustea, elkarrekin egon eta hitz egitea… Horri dagokionez, Bartzelonan egoteagatik nik ez dut nire burua gutxiagotua ikusten. Hemen dagoen nire gisako pertsona baten modura bizi naizela esango nuke: irakasle eta kazetari prekario batek, hemen, nire bizimodu bera –edo oso antzekoa–, duela pentsatzen dut.
Zer da erbestean bizitzea baina, begi batekin bada ere, norberaren herrira begira ematea eguna?
Tautologia hutsa da, baina kanpotik begira bizitzeak horixe ematen dizu, kanpotiko begirada. Ez zaude saltsaren erdian, eta horrek ikuspegi ezberdina ematen dizu, nahitaez. Musika emanaldi bat bertatik bertara jarraitzen duenak eta telebistaz edo irratiz jarraitzen duenak ikuspegi ezberdina duten moduan. Ez da ez hobea ez okerragoa, baina ezberdina, behintzat. Nire intuizioaren arabera, ikuspegi sanoagoa ematen du distantziak. Ordenagailu pantaila ere ez da berdin ikusten bi zentimetroko distantziatik, edo hogeita hamar zentimetrokotik. Kanpoan egonda, zure ikuspegiari beste bat eransten diozu: zauden leku berri horretako ikusmoldea. Begirada ireki eta kritikoa izanez gero, handik eta hemendik jasotzeko prest egonez gero, utzi duzun lurraldearen gaineko ikusmoldea ere osatzeko aukera izan dezakezu.
Herrialde Katalanak eta Euskadi. "Anai zaharren lur gazte" zioen Xabier Letek Canço a Catalunya -n.
"Anai" orduan, "senide" litzateke orain, politikoki zuzen mintzatuz. Kar, kar… XX. mendean izan da senidetasunik bi herrion artean, eta orain ere bada. Esate baterako, ni seguru nago neroni euskalduna ez banintz diferente ikusiko ninduketela han, bi herrion harreman historiko horrengatik, hain zuzen. Baina harreman horren norabidea aldatu egin dela ematen du: garai batean katalanek euskaldunei zieten miresmen horrek –axalekoa, nahi bada, akritikoa–, bira eman duela iruditzen zait. Kataluniako egoera politikoa lehen lerrora igaro da, eta orain euskaldunok gara hara miresmenez begira bizi garenok. Egoera politikoak jotzen duen ildotik jotzen duela ere, ordea, bi herrion arteko afinitate edo konplizitateak iraungo duela uste dut, nahiz eta uste baino ahulago den afinitate eta konplizitate hori.
Hari ahula, zure ustez.
Bai, estatu beraren mende gaudela partekatzen dugu, bi herriotako gizartearen parte handi batek soberania desioa izatea. Bestela, Kataluniak eta Euskal Herriak ez daukate ikustekorik.
Soberania desioa aipaturik, zertan da "Kataluniako prozesu soberanista"?
Nik esango nuke ez dela existitzen, ez da prozesu soberanistarik, hori inoiz existitu bada, prozesurik inoiz existitu denik ere zalantzan jartzen baitute batzuek, eta ez naiz bereziki espainiazaleez ari. Gaur egun ez dago prozesurik, nire ustean, pasa den iraileko hauteskundeek prozesu horrek aurrera egin dezan gehiengo sozial nahikorik erakutsi ez zutelako. Plan bat aurkeztu zuten, estatu egitura jakin bat sortzeko epeak… baina ez dago horrelakorik, ez dute Espainiako jurisdikzioarekin konfliktoan sartu nahi izan, soberanismoaren bidean gehiengo den Junts pel sí-k ez du desobedientziaren bidean pausorik eman nahi… eta, ondorioz, dena delako prozesua ez aurrera ez atzera dago. Bestalde, gobernua osatzeko istiluak izan ziren, eta gobernua osatuta zegoenean, aurrekontuak ez dizkiote onartu.
Ez arre, ez iso.
Bai, bada. Ez dago gehiengo sozial nahikorik aurrera egiteko. Gehiengo handi bat dagoenean lortzen dute herriek soberania osoa.
Hemengo herrietan galdeketak egiten ari dira.
Jendea soberanismora ekartzeko modua izan liteke, aspirazio logikoa, bestalde. Herrietan egin diren galdeketak onuragarri izan litezke masa jakin bat osatze aldera, baina horrek ez du soberanismorik ekarriko, funtsezko oinarria zera delako: horren alde gehiengo soziala egotea, eta Euskal Herrian horrelakorik ez dago. Eta Katalunian ere ez, hauteskundeek erakutsi dutenez. Horregatik ez du prozesuak aurrera egiten.
Mobilizaziotzar handiak gorabehera?
Bai. Mobilizazioek erakutsi dute soberaniaren aldeko jendea asko dela, eta oso mobilizatuta dagoela.
Soberaniaren aldeko ez dena boto ematerakoan mobilizatzen da.
Horixe!
Unibertsitate irakasle, ohiko kolaboratzaile euskarazko prentsan, literatur kritikari Erlea aldizkarian, guraso… Nola eusten diozu goiari?
Osasun mentalari gutxi-asko eutsiz, esan nahi duzu? Kar, kar… Ez dago misteriorik. Egunak 24 ordu ditu eta badakigu denbora finitua dela, eta beraz, beste hainbat konturi errenuntzia eginez idazten ditut idazten ditudanak. Ez naiz morroi bakartia, ez antisoziala ere, baina lan eta egiteko horiek betetzen didate egunaren parte handia.
Eta suari egurra, Marx anaien film hartan bezala: tesiari buru-belarri lotuko zatzaizkio.
Eta orduan bai, bazter utzi beharko hainbat lan. Aritmetikak ez du ematen. 24 ordu dira egunean, ez gehiago.
Ikusezinago izango zaitugu aurrerantzean, aldi batean, bederen.
Ezinbestean ikusezin, bai ikusten ahal nindutenen mesedetan, baina baita neure mesedetan ere. Ez nuke esango nirea etengabeko esposizioa denik, baina bai maiz xamarrekoa, eta tesia tarteko dela ez da erraz izango horri eustea. Gainera, esposizio horrek ere desgastea dakar, egunero –edo maiz–, zer edo zer publikatzeko presioa eta beste.
Euskal Ikasketak sailaren baitako irakurle zaitugu Katalunian, bi unibertsitatetan: Bartzelonako Unibertsitatean, batetik, eta Autonomoan, bestetik.
Baina Autonomoan dute pisurik handiena Euskal Ikasketek. Egia esan, Reno salbuetsita, uste dut Euskal Ikasketek munduan Autonomoan beste inon ez dutela errekonozimendu hori. Ikasleek beren gradu ikasketak osatzeko, gure ikasgaiak hartzeko aukera dute, eta Euskal Ikasketetan minor edo aipamen bat jasotzeko era. Alegia, ikaslea izan liteke Hizkuntza eta Literatura Katalana graduatua, eta Euskal Ikasketetan aipamena duena.
Zertan dira Euskal Ikasketak Bartzelonako bi unibertsitate horietan?
Beti uste da euskara irakasten dela –eta irakasten da–, baina hori ez da programaren zati bat besterik, eta ez handiena ere. Euskal kultura dei genezakeen horren ikuspegi globala ematen saiatzen gara, hizkuntza modu instrumentalean erakusten ahal dugu, baina, gainera, euskal kultura eta gizarteari buruzko ikasgaia dugu, euskal literaturari buruzkoa, hizkuntzaren historiarena… Euskal Herria den horren ikuspegi oso eta zeharkakoa eskaintzen saiatzen gara.
Nork jakin nahi du Bartzelonako unibertsitateetan Euskal Herriaz?
Tipologia heterogeneo xamarra dugu ikasleen artean. Badira Euskal Herriarekiko afektua dutenak, eta badira euskararekiko interes linguistikoa dutenak. Motibazio ezberdinak izan litezke: jakin-mina dute batzuek, ikuspegi osatuagoa, beste batzuek… Unibertsitate ikasketak dira, eta azken batean, gehienbat jakin-min akademikoa du ikasleak. Euskara ere irakasten dugu, baina, ikasturte batean baina bi ikasgaitan, 80 ordu lektibo dira denera. Oinarri minimo batez jabetzen da ikaslea, hizkuntzak nola funtzionatzen duen konturatzen da, ez besterik.
Ez da hemen bezala…
Ez, jakina. Hemengo euskaltegietan trebetasunak modu komunikatiboan transmititzen dituzte. Gurea ikuspegi akademikoa da –zientifikoa, nahi baduzu–, euskararen funtzionamenduaren gainekoa. Ikasturtea bukatu eta hango ikasleek ia-ia ez dakite deus esaten, baina, aldiz, hizkuntzaren mekanismo orokorra zertan den ezagutzera iristen dira.
Bartzelonan bada euskal etxerik.
Bai, eta badut harremana, nahiz eta ez beste batzuek dutena bezainbestekoa. Alabaina, Unibertsitate Autonomoko irakasle naizen aldetik zenbait ekitalditan parte hartu ohi dut urtean zehar, literatur jaialdian [Literaldia], esaterako. Oso ekimen interesgarria iruditzen zait, Euskal Herriko jendea gonbidatzen dugu eta oso harrera ona du han. Esango nuke Euskal Herrian bertan ere ez dela hainbeste urteko ibilia duen literatur jaialdirik egiten, ezta hainbeste jende biltzen duenik ere. Horrez gainera, euskal etxeak musika jaialdia ere egiten du, eta zinema jaialdia ere bai.
Erreferente duzue Bartzelonako euskal etxea?
Zenbait euskaldunentzat erreferente handia da, dudarik gabe. Ezagutzen ditut euskal etxearekin harreman handia dutenak, aktiboki parte hartzen dutenak. Niri dagokidanez, ez dut lotura esturik agian euskal etxearekin, baina hara orduko nekien hala izango zela, alegia, ez nuen nahi –eta ez dut nahi–, Euskal Herri txiki batean bizi Bartzelonan. Horretarako, Hondarribian geratuko nintzen. Hara joanez gero, nahiago izan nuen bertakoa ezagutu, bertan sartu muturra, bertakoarekin bat egin, Euskal Herriko lotura ebidentea galdu gabe, jakina, eta euskal etxearekin ere harreman ona izanez eta hainbat ekintzatan parte hartuz. Esan dezagun, zilborresteari metro batzuk eman nizkiola. | news |
argia-e3ab3e2c376a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/kronika-gisa-2016ko-sanferminetan-alkoholemia-kontrola-ezarria-zuten-espainiar-eta-frantziar-poliziek-irunerrian.html | Kronika gisa: 2016ko sanferminetan, alkoholemia-kontrola ezarria zuten Espainiar eta Frantziar poliziek Iru�errian | Asisko Urmeneta | 2016-07-24 | Kronika gisa: 2016ko sanferminetan, alkoholemia-kontrola ezarria zuten Espainiar eta Frantziar poliziek Iru�errian | news |
argia-b26714abe88c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/liburua.html | Gaur egungo balada | Xabier Etxaniz Erle | 2016-07-24 | Gaur egungo balada
Euskal baladen artean ezagunetarikoa dugu oreina bilakatu zen neskaren istorioa kontatzen duena, eta balada horixe du oinarri Mariasun Landaren azken lan honek. Baladan, izenburuak dioen bezala, oreina bilakatzen den neska baten istorio tragikoa kontatzen da; anaia ehiztariak harrapatu eta hiltzen duen oreinarena. Mariasun Landak, istorio horretatik abiatuta hiru osagai edo piezaz osaturiko kontakizuna eraiki du, tradizio eta modernitatea, iragana eta oraina lotzen dituen kontakizuna.
"Maitane ia arratsaldero joaten zen Cristina Enea parkera (…) ogi puska batzuk gordetzen zituen parkeko urmaeleko ahateei emateko. Txikitatik ezagutzen zituen eta bakoitzari izen bat ere jarria zien, nahiz eta Erramunek, parkeko udaltzain zaharrak, bere kontura barre egin". Horrela hasten da Azken balada hau; eta irakurleak igarri dezakeen bezala, Maitane neskatoa izango da protagonista nagusia; bera, eta Erramun, parkeko udaltzain zaharra.
Hain zuzen, parkean orein bat ikusi ondoren Erramunek esango dio bi orein ekarri dituztela Iruñeko Takonera parketik: Mayi eta Jakes. "Eta zergatik izen horiek?" neskatoaren galderari erantzutearren, udaltzain zaharrak: "Baina, nola, ez al dakin oreina bilakatu zen neskaren istorioa? Eta haren neba ehiztari amorratuari gertatu zitzaiona? (…) Ez zekinat gaur egun zer demontre erakusten duten eskolan!". Eta horrela, neskatoari, hainbat arratsaldetan, Oreina bilakatu neska balada kontatuko dio Erramunek.
Neskaren eta udaltzainaren arteko harreman horrez gain Maitaneren egunerokoak ere ezagutuko ditu irakurleak. Hots, gaur egungo kontakizun baten barruan balada zaharraren berri ematen zaigu. Baladaren amaiera tragikoak, baina, ez du erabat betetzen neskatoaren gogoa eta "Utzidazu pentsatzen…–erantzun zion Maitanek deliberatzen arituko balitz bezala–. Agian bihar irtenbide bat erakutsiko dizut, idatziko dut Mayirentzako beste ipuin bat". Eta, hain zuzen, horixe dugu liburuaren amaieran ageri zaiguna, balada zaharraren bertsio berri bat, ezberdina, askoz berriagoa (testuingurua, gertakariak…) eta alde horretatik are hurbilagoa gerta dakiokeena oraingo irakurleari. Izan ere, Mariasun Landaren liburu honek, dituen bertuteen artean (arin irakurtzea, istorioari jarraitzeko gogoa, gaurko eguneko kontuen inguruko gogoeta bultzatzea, sinesgarritasuna…) bada bat azpimarratzeko modukoa, ahozko tradizioa hurbiltzea, oraingo irakurleei ekartzea eta harekin jolastuz testu berriak eskaintzea.
Liburu guztiz gomendagarria da Landaren azken balada hau, azken kontakizun hau; tragediatik, abenturatik, tradiziotik, maitasunetik eta umoretik, besteak beste, hartzen duelako. Baita idazleari berari buruzko keinu sinpatikoa amaieran: "Auzokoa da eta liburu asko idatzi ditu, Mariasun Landa du izena… Ezagutzen al duzu?". | news |
argia-baab14b936af | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/indarkeria-matxista-ikusgaiegia.html | Indarkeria matxista, ikusgaiegia? | June Fern�ndez | 2016-07-24 | Indarkeria matxista, ikusgaiegia?
Irratiko albistegia entzuten esnatu naiz, egunero bezala. Melillan gizon batek bere neskalagun ohia erail du, 22 urtekoa. Zaragozan senar ohiaren labankada jaso ondoren ospitalean zegoen emakumea, 32 urtekoa, hil da. Iruñeko sanferminetan beste emakume batek bortxaketa salatu du; guztira sexu abusu edo erasoekin lotutako hamabi salaketa izan dira jaietan. Nafarroako Gobernuak betiko esaldia errepikatu du: "Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunen ondorio krudelena dira".
Ezkor jaiki naiz. Indarkeria komunikabideetan ikusgai izan zedin borrokatu dugu feministok eta, zehazki, kazetari feministok. Ez bakarrik bikote esparruko muturreko indarkeria, baizik eta hamaika testuingurutan bizi ditugun indarkeriak ere bai, udako festetan barne. Agerian dago ikusgaitasuna lortu dela, baina hedabide askoren doinuak beldurra eta samina sartzen dizkigute barruan: beste hilketa bat gehiago, beste bortxaketa bat gehiago... Kazetariek indarkeriari lakra deitzen diote, maiz harriduraz informatzen dute: "Sarraski ulergaitz hau nola eten?", diote. Galdera erretorikoa da, hedabide gehienetan, gehien kontsumitzen direnetan, sakoneko erreportaje kritikoak ez dira ohikoak. Orain sanferminetako "giro basatia" kritikatzen dute askok. Bitartean, edozein herriko jaietan, hamaika sexu eraso eta jazarpen izaten dira, eta Gasteizen ikusi dugu askotan indarkeria instituzional eta mediatikoa topatzen dutela biktimek.
Saturazio mediatikoak ekintza kolektiboa erraztu ala blokeatu dezake. Doinuaren arabera, analisien arabera, atsekabea eta etsipena areagotu ditzake. Monitoreo Global de Medios ikerketaren arabera, Espainiako Estatuko hedabideetan emakumezkoak albisteen %28ren protagonistak dira soilik, baina kriminalitate eta indarkeria albisteetan %51
Hona, Mari Luz Esteban antropologoak Berrian idatzitako artikulu baten bi pasarte: "Indarkeriaren kontrako atxikimenduen metaketa publikoak eragin handia du kontzientziazioaren areagotzean. Baina 'saturazio mediatikoak' ez al du inongo ondorio ezkorrik edo albo-kalterik sortzen? (...) Azaleratzen den ideia ez ote den emakumeak, finean, ez garela gai eguneroko egoera horiei aurre egiteko gu geurez, eta estatuaren, komunikabideen edota mugimendu feministaren babesa bilatzera derrigortuta gaudela. Hau da, emakumeen kustodializazioa elikatzea, ahalduntzearen kontura orriak eta orriak bete arren".
Alegia, saturazio mediatikoak ekintza kolektiboa erraztu ala blokeatu dezake. Doinuaren arabera, analisien arabera, atsekabea eta etsipena areagotu ditzake. Monitoreo Global de Medios ikerketaren arabera, Espainiako Estatuko hedabideetan emakumezkoak albisteen %28ren protagonistak dira soilik, baina kriminalitate eta indarkeria albisteetan %51 dira. Beraz, hedabideek androzentrismoa errotik zuzentzen ez badute, mezua hauxe da: "Emakumeak biktimak baino ez garela, hori dela gizartean gure rol nagusia".
Sanferminetako txupinazoan polizia ugari jarri dutela jakitean ere kustodializatzearen arriskuaz oroitu naiz. Hedabide alternatibook txupinazoko argazkiei (gizonak emakumeen gorputzak ukitzen eta arropetatik tiratzen) erreparatu genienean, kontzientzia eta jarrera aldaketa desio genuen, ez erantzun errepresiboa. Sexu erasoei aurre egiteko kontrol soziala areagotzea?
Mila kezka. Ezkor nabil.
Azkenik, Angel Erroren zutabea irakurri dut (Berrian hau ere). Aurreko instituzioek sanferminetako indarkeria isilik mantendu nahi izaten zutela dio, jaien ospe ona defendatzearren. Aurten, aldiz, informatiboek eraso sexisten kontrako mobilizazioen zuzeneko konexioa egin behar izan dute. Festa elkartasun eta aldarrikapen bihurtu da.
Bai, egia da, Iruñeko politiken eta kontzientzia sozial mailaren saltoa ez onartzeak etsipena areagotzea dakar eta bidegabekoa da. Bidea luzea da, baina urrats sendoak ematen ari gara.
Tira, baikorrago sentitzen naiz. | news |
argia-8ecfa0cd0534 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/turismoak-itoko-du-venezia.html | Turismoak itoko du Venezia | Xuban Zubiria | 2016-07-24 | Turismoak itoko du Venezia
"Itsasoak jango du Venezia" zenbat aldiz entzun ote dugun. Erresuma zaharrak badu itsasoa baino arazo handiagorik: XXI. mendeko neurrigabeko masa turismoa. Gaur egungo turismo eredu horrek Venezia eta bertako herritarren bizimodua kolokan jarri du.
"Turismoak itoko du Venezia, ez itsasoak" aldarri honen pean argitaratu dute Josu Narbarte (1992, Irun) Anna Prulli (Treviso, 1989) eta Francesco Fasano (Venezia, 1984) ikasle eta ikerlariek Barbaroen inbasioak XXI. mendean ? lan antropologikoa. Venezia oinarri hartuta, turismo eredu honek sor ditzakeen arazo sozialen inguruko hausnarketa bultzatu nahi izan dute. Lana EHUn eta Veneziako Ca' Foscari unibertsitatean aurkeztu dute.
Egun, ekonomiaren sektore garrantzitsuenetakoa bihurtu da turismoa, batez ere Europa hegoaldeko lurraldeetan. Zerbitzuen nahiz atxikitako bigarren mailako jardueren inguruan benetako industria turistikoa sortu da. Aberastasuna eta enplegua sortzeko gero eta garrantzi handiagoarekin. Urtero atzerrira bidaia bat behintzat egiten duten pertsonen kopurua hazten doa. Fenomeno global baten aitzinean gaude beraz. Egileen ustez, turismo honek erreproduzitu egiten ditu sistema ekonomikoaren kontraesan eta gatazkak, izan ardatz ezberdinen artean (iparra-hegoa), izan kolektibo sozial ezberdinen artean.
Masa turismoaren mesedetan, eredu honek hirien ehun soziala degradatzen laguntzen duten neurriak hartzera behartzen ditu entitate publikoak
Turismoa sarri baliabide ekonomiko huts gisa ikusten da eta administrazioak ahalik eta bisitari gehien erakartzeko helburu soil bezala erabiltzen du. Esan gabe doa horrek guztiak tentsioak eta kontrako erreakzioak ere sortzen dituela, esaterako Desokupatu 2016 mugimendua Donostian edo No Grandi Navi mobilizazioak Venezian. Halako mugimendu gero eta gehiago sortuko direla diote ikerlariek, turismoa beste gune eta egituretan eragin dezakeen fenomenoa bezala ikusi beharrean, administrazio publikoetatik etekin pribatua lortzeko instrumentu modura erabiltzen baita hainbatetan. Eredu honek masa turismoaren mesedetan hirien ehun soziala degradatzen laguntzen duten neurriak hartzera behartzen ditu entitate publikoak.
Donostiako eragile askoren artean alarma gorria piztu dela ikusten ari gara. Hiriburutza kulturala eta hiriak historikoki duen turismo tradizioa ez badira ondo gestionatzen, Donostiako bizilagunen bizi eredua kaltetu dezake. Turismo basatiak sor ditzakeen desoreka sozialen adibide da Bartzelona. Ada Colau alkateak turismo eredua birdefinitzeko moratoria dekretatu izanak, hiriburu katalanak bizi duen egoera larria islatzen du.
Despopulaziorako tresna ere bilakatu da turismoa, bertako bizi-baldintzak izugarri garestitu baitira. Azken urteetan ia 100.000 biztanle galdu ditu Veneziak
Neurrigabeko masa turismoaren isla garbia izatera iritsi da Venezia. Lanaren egileek turismoaren monolaborantza izendatu duten eredu ekonomikoa anti-eredu bilakatu da jada, Bartzelona eta turismoaren arazoa sufritzen duten beste hiri batzuentzat. Herritarrak antolatzen hasi dira eta azken urteetan aipagarria da No Grandi Navi mobilizazio-dinamika: itsasontzi handiek Tronchettoko portuan (Venezian) lur ez hartzea eskatu dute herritarrek. No Grandi Navi mugimendua Udalaren aurka altxatu da eta salatu dute halako ontziak hiriaren erdigunetik pasatzen uztea hiriaren jasangarritasunaren aurkako erabaki zuzen eta interesatua dela. Francesco Fassanoren arabera, ontzi handi horien presentzia biztanleentzat arriskutsua eta probokazio hutsa izateaz gain, berauen joan-etorriak hiriaren oinarri diren paduretako hondoak higatzea eragiten du. Horrek dakar hiria mareen aurrean askoz ere ahulagoa izatea eta hain ezaguna den "acqua alta" fenomeno naturala gero eta larriagoa bihurtzea. Mobilizazioak arrakastatsuak izan dira, No Grandi Navi aldarria Europa osora zabaltzeraino.
Ikerlarien lanean masa turismoak eragindako hiru arazo nagusi identifikatzen dira: gainbehera demografikoa, belaunaldien arteko gerra eta gentrifikazioa.
Gainbehera demografikoa
Turismoak Veneziako beste sektore ekonomiko guztiak jan ditu. Are gehiago, Margherako portuari lotuta zeuden industria petrokimikoa, ongarriena eta ontziolena desagertzear daude. Horrek guztiak bizimodu bakarra utzi die Veneziako herritarrei eta despopulaziorako tresna ere bilakatu da turismoa, bertako bizi-baldintzak izugarri garestitu baitira. Hala, kolpe demografiko gogorra jasan du itsasoko erresuma zenak: 1971. urtean Veneziak 363.062 biztanle zituen eta azken urteetan ia 100.000 galdu ditu. Hirigune historikoan, askoz dramatikoagoa izan da galera, biztanleriak oso azkar eta bortizki jo du gutxitzera.
2.400 hotel-egituretatik epe ertainean 50.000ra igarotzea aurreikusten da, egitura finantzario, administratibo eta akademiko andana desagerraraziz
Belaunaldien arteko gatazka
Uneotan hiriburuak duen beste erronketako bat, gertatzen ari den belaunaldien arteko gatazka gainditzea da. Batetik jaiotzez veneziarrak diren helduak daude, bestetik bizitzen gelditu diren gazte apurrak eta Ca' Foscari unibertsitatera joaten diren ikasleak. Harrigarria badirudi ere, azken urteetan "betiko veneziarrek" eta turistek aliantza sinbiotiko sinergikoa osatu dute. Jende heldua periferian bizi da nagusiki eta turistak erdiguneko kale eta hoteletan pilatzen dira. Bi multzoek beraien beharrak asebetetzeko ez dute arazorik gaur egungo Venezian, eta hiriak bizi duen status quo-ra moldatu dira. Beste aldean, ordea, herriko gazte eta ikasleak ditugu: turismoaren interesetara bizi den hiriko ordutegiaren ondorioz, euren sozializazioa hiriko plazetan Spritz bat hartzera mugatu dela salatzen dute. Gaueko hamaiketatik aurrera benetan zaila bihurtu da pub edo tabernaren bat zabalik aurkitzea. Gazteentzat Venezia hilik dago eta nahiago dute beste hirietara (Padua, Udine...) bizitzera joan, baldintza ekonomiko hobeak eta aisialdirako eskaintza ugaria dutelako.
Gentrifikazioa
Industria turistikoa hazi baino ez da egiten ari. Egungo 2.400 hotel-egituretatik epe ertainean 50.000ra igarotzea aurreikusita dago, orain arte irauten zuten egitura finantzario, administratibo eta akademiko andana desagerraraziz. Egitura horien desagertze masiboa gertatu den zonaldeetan apenas geratzen da herritarrik. Hotelak denaren jabe egin dira eta egoerak hiriaren gentrifikazioa ekarri du: batetik daude turisten tsunami etengabea pairatzen duten zonalde turistikoak (San Marcos plaza eta Rialtoko zubiaren inguruak), eta bestetik, Veneziako biztanleen bizileku-ghetto diren auzoen alderik periferikoenak (Santa Croce, Santa Marta, Cannaregio, Dorsoduro, Castello…).
Lanaren egileek ohartarazi dute prozesua bete-betean dagoela hedapen fasean eta aurre egin diezaiokeen tresna eraginkorrena herri mobilizazioa dela. Auzia presentzia publikoa hartzen ari da eta diskurtso gero eta landuagoa darabilte herri eragileek. Mobilizazioak bakarrik salba dezake Venezia. | news |
argia-d5f4821b971b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/xubukota-haurtzaindegia.html | Euskaraz ari dira Zuberoako txikienak | Onintza Irureta Azkune | 2016-07-24 | Euskaraz ari dira Zuberoako txikienak
Haurtzaindegi elebidunak badira Zuberoan. Euskara hutsean arituko zena nahi zuten ordea guraso batzuek. 2016ko urtarrilean lortu zuten abian jartzea Maulen. Hamaika haur dira eta bi haurtzain, Luxi Agergarai eta Marion Cazenave. ARGIA Luxi Agergarairekin mintzatu da. Joana Etxarten eta Sylvie Genezen esanak Kanaldude telebistak egindako bideo lanetik hartuak dira.
Joana Etxart haurtzaindegiaren abiarazleetako bat da. 2014an sentitu zuten halako gune baten beharra. Horrela kontatu du Etxartek: "Guraso bezala, frustrazio batetik dator beharra. Nire semeak haurtzaindegia utzi zuen ikastolan sartzeko. Haurtzaindegiarekin ukan nuen esperientzia alde batetik oso ona izan zen, baina euskararekiko gogorra. Mauleko haurtzaindegian egon zen, eta paperean elebiduna baldin bada, ofizialki edo teorian, egiazko errealitatean ez da elebiduna. Euskararen mintzarazteko eta erabiltzeko ez dago deus ere pentsaturik, aitzin ikusirik. Erran nahi du euskaraz ari den langilea beharbada amini bat euskaraz ariko dela, baina nagusiak frantsesez solastatzen dira. Ene haurrak enekin ikasten zuen euskara eta desikasten zuen haurtzaindegian. Niretzako bizitzeko bortitza zen, gogorra. Ene semearekin euskararen inguruan nuen harremana gogorra zen. Ekartzen zizkizun haurtzaindegitik " Je veux encore " eta horrelako hitzak eta nik galdetzen nion 'hori euskaraz!'. Frustrazio bat banuen, eta ikusi nuen nire inguruan ere nire belaunaldiko aita eta ama anitzek bazuela sufrimendua maila horretan". Joana Arantzet gurasoarekin elkartu zen Etxart eta ez zuten euskara hutsean aritzen zen haurtzainik aurkitu. Egoera beltza iruditu zitzaion Etxarti. Hala zirela jakin zuten Angelun Haurtzain Etxe bat (MAM Maison D'assistantes Maternelles) abiatzekoak zirela. Langileak euskaldunak ziren eta euskaraz arituko ziren.
2017tik aurrera zortzi haur egun osoz
2014an nondik jo ari ziren pentsatzen Etxart eta Arantzet eta 2016ko urtarrilean dagoeneko Xübükota abian zen. Mauleko erdigunean 97 metro koadroko eraikina alokatu eta atontzea ez da erraz-erraza izan. Bi gurasoek Ttipi ttapa elkartea sortu zuten horretarako eta dirua biltzeko kanpaina abiatu zuten interneten. 3.000 euro lortu nahi zituzten eta kopurua gainditzea lortu zuten. Erakunde publikoen erantzunarekin ez da oso pozik Etxart, Kanaldudeko bideoan egindako adierazpenetan. Kontseilu orokorrean atea pare bat aldiz jo zutela dio eta ideia ona zela esan bai, baina ez da seguru interesatu direnik, "edo ikusten duten zer behar dagoen. Sentitu dut anitz futitzen dela, orobat esaten dizut. Ez badira euskaraz ari bi urtetan, hizkuntza ikasten den adin horretan... Nik hori sentitzen dut". Urte hastapen hartan Mauleko Herriko Etxeak eta Xiberoko Herri Elkargoak ere ez zuten finantzatu. Hilabete batzuk geroago Herri Elkargoak 4.000 euro eman ditu. Udalbiltzak Euskal Pirinioan lan eta bizi egitasmoan sartu zuen euskarazko haurtzaindegia eta 4.000 euro eman zituen Xübükota abiarazteko. Euskararen Erakunde Publikoak liburuak eta jokoak eskaini dizkie.
Joana Etxart:
"Mauleko haurtzaindegia paperean elebiduna baldin bada, egiazko errealitatean ez da elebiduna. Euskararen mintzarazteko eta erabiltzeko ez dago deus ere pentsaturik"
Luxi Agergarai eta Marion Cazenave, bi haurtzain izanik, bakoitzak hiru ume zain ditzake egun osoz, bi hilabetetik hasi eta hiru urte bitartekoak. Horrela, sei haur dituzte egun guziz eta bost tarteka doaz. Urte honen amaieran bakoitzak laugarren bat egun osoz izateko baimena lortuko dute. Beraz, 2017an zortzi haurrek izango dute aukera egun osoz Xübükotan egoteko. Eskaera guztiei erantzun ezinik dira bi haurtzainak. Pozik dira Agergarai eta Cazenave, haien nahia betetzen ari delako, Zuberoan ari dira euskaraz lanean, eta haurrek euskara entzuteko aukera dute Mauleko erdigunean. Izan ere, guraso gehienetan batek edo besteak daki euskaraz, baina ez biek. Haien helburu nagusia umeek euskara entzutea da. Beste ezaugarri batzuk ere balioesten dituzte, hala nola, toki txikia izatea eta haur kopuru txikia. Badira beste bi haurtzaindegi molde, bata etxe pribatuan lau haur edo gutxiago zaintzen direla, eta bestea, haurtzaindegi klasikoa, 15-20-25 haur bil ditzakeena.
Murgiltze eredua nahiago du Sylvie Genezek
Sylvie Geneze Anttonen ama da. Hilabete batzuk baino ez ditu txikiak. Genezek Kanalduderi azaldu dio zergatik nahi zuten berak eta bere bikotekideak haurra Xübükota haurtzaindegian sartu: "Bi arrazoirengatik hautatu dugu Antton haurtzaindegi honetan ezartzea. Alde batetik, inguru euskalduna izatea garrantzitsua da enetako, ez naiz euskaraz mintzatzen edo biziki gaizki. Euskal Herrian bizi naiz, beraz inportantea da Anttonen kultura eta hizkuntza euskarari lotuak izan daitezen. Ene haurraren haurtzaina euskalduna zen ere, hautu hori egin nuen. Joan den urtarrilean haurtzain izatea uzten zuela jakitearekin, beste haurtzain euskaldun bat bilatu dut. Luxi atzeman dugu eta bere programa biziki gustatu zaigu. Euskara biziki inportantea da, baina horrez gain bere proiektua biziki gustatu zaigu. Lekua ere gustukoa genuen. Ez genuen Antton ezarriko haurtzaindegi euskaldun batean ez balitz lekua egokia izan.
Sylvie Geneze:
"Murgilbidea lehenesten dut, ez bainaiz gai sentitzen euskara transmititzeko ene haurrari"
Euskara biziki inportantea da, baina handituko den ingurua ere bai. Irizpide horietan oinarritzen da gure hautua. Murgilbidea lehenesten dut, ez bainaiz gai sentitzen euskara transmititzeko ene haurrari. Gaizki mintzo naiz, hutsak egiten ditut. Horrela, posible dut ene ama hizkuntzan, hots frantsesez, mintzatzea ene haurrekin. Landetakoa naiz, nire familian, ene lagunen artean, gutxi dira euskaldunak, aldiz ene lagunaren aldetik, Muskildin, gehienak euskaldunak dira. Naturalki euskaraz ari dira, beraz Antton errazki mintzatuko da amatxi, izeba edo kusiekin, eta ondoko urratsa ikastola izanen da. Inguru partekatuan handituko da. Gainera, ene alabaren lagunak frantsesez ari dira, Anttonek giro horretan ere moldatu beharko du, denek ezagutzen duten hizkuntza baita, euskaldunek ere bai. Hilabete bat bada haurtzaindegi honetan garela eta biziki kontent gara. Murgiltzeak ez du eragin handirik, ez baita oraino mintzatzen, baina pozik gara taldeaz, lekuaz, proiektuaz, eta euskal inguruaz". | news |
argia-42e168ca3bf6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/txelio-alcantara-zaharkitzapenari-adabakiak-jartzen.html | "Ez esan niri 2016an ez garela gai bizitza osoa iraungo duen garbigailu bat egiteko" | Unai Brea | 2016-07-24 | "Ez esan niri 2016an ez garela gai bizitza osoa iraungo duen garbigailu bat egiteko"
Bilbo, 1957. Kalean etxetresna elektrikoak konpontzen hasi zen. Gaur egun ere horixe egiten du, baina Bizkaiko kooperatiba batean. "Proiektu konplikatua izan zen, inon ez dizute irakasten hau nola egin". Edukiontzi zurietan eta Garbiguneetan bildutako tresnak berrerabili ahal izateko prestatzen ditu. Honelaxe azaldu digu zergatik irauten duten gero eta laburrago inguratzen gaituzten hamaika gailuek.
Asko hitz egiten da zaharkitzapen programatuaz. Zuk eguneroko jardunean ikusten duzu.
Bada denbora zaharkitzapen programatuaz bideo bat zabaldu zela. Hor esaten zen bazeudela inprimagailuak, orri kopuru zehatz batera iritsita gehiago ez funtzionatzeko programatuta zeudenak. Hemen ikusten duguna ez da zaharkitzapen programatua: zaharkitzapena da, besterik gabe. "Ez dakit zenbat garbialdi egin eta gero ikuzgailua matxuratu egingo da" esatea fantasiazkoa da. Baina egia da gailu bakoitzak urte kopuru bat funtzionatzeko aurreikusita dagoela.
Zergatik?
Zuk gailu bat fabrikatzen duzunean, aurreikus dezakezu denbora batez funtzionatuko duela; erabilitako materialak eskasak badira, iraupena laburra izango da. Gaur egun kostuak merkatzea da helburua, mundu honetan gauza merkeak baitira saltzen direnak. Eta gauza merkeak labur iraungo du. Begiratu hozkailuari eta kablea laburra bada, badakizu hozkailua txarra dela.
A, bai?
Kablean aurrezten badute, gainerakoan ere bai. Hemen esan ohi dugu pisuaren arabera jakiten dela garbigailu bat ona ala txarra den. Xaflan dirua inbertitu badute, bestean ere bai. Fabrikatzeko era da gakoa. Arazoa ez da programatutako zaharkitzapena; gauza guztiek dute zaharkitzapena. Arazoa da inolako kontrolik ez dugula.
Zeren gainean?
Fabrikazioa, kalitatea… Kontrol hori gabe, zuk gailua erosi eta ez dakizu zenbat iraungo dizun. Inork ez dizu bermerik ematen horri buruz. Arauak ezarri beharko lirateke, "honek hainbeste iraun dezan konprometitzen naiz". Eta bada zaharkitzapenaren beste alderdi bat, ezkutuagoa: matxurak. Konponbiderik ez dutenak, edo konpontzeko garestiegiak direnak. Baimenduta dago gailu konponezinak fabrikatzea.
Konponezinak?
Edozein etxetresna txiki konpontzeko giltza mordoa izan beharko zenuke etxean; beharko dituzun bihurkinak bilatze hutsak zoratu egingo zaitu. Eta batzuetan, kendu ezin daitekeen torlojuarekin egingo duzu topo: edo giltza berezia behar du, edo estutu daiteke baina askatu ez.
Askotan gertatzen da hori?
Bai. Etxetresna txiki batzuk ezin dira desmuntatu ere egin.
Niri horrek "programatu" adjektiboa dakarkit gogora, bada.
Ez da programatua, hitzari ematen zaion eta arestian aipatu dudan esanahi horrekin. Baina aurreikusita dago: gailuak labur iraungo du.
Txikia da konpongarritasuna, oro har?
Gero eta txikiagoa. Adibide bat: orain 20 edo 40 urteko hozkailuak atalez atal desmuntatu zitezkeen, oso-osorik. Gaur egun, berriz, gas hodia ezin da bereizi, hozkailuaren gorputzaren barruan dagoelako. Eta gas-hodiaren matxura da hozkailu batek izan dezakeen matxura larriena. Gertatuz gero, gaur egun ez dago konpontzerik.
Asko esatea dirudi gailuak konponezinak izateko egiten dela hori...
Bada, argi dago hala dela!
Zer helbururekin?
Gehiago saltzea. Gehiago saltzeko helburua duen sistema kapitalista batean bizi gara.
Zer dio legediak?
Gaur egun efizientzia energetikoa arautzen da, hori da mezua. Efizientziak iraunkortasuna estaltzen du. Kalkulua egin genuen kide batek eta biok: energi efizientzia handieneko hozkailua erosten baduzu, hainbesteko efizientzia ez duen gailua baino 100 euro inguru gehiago ordainduko duzu. Eta urtero 10 euro aurreztuko duzu kontsumoan. Prezio diferentzia berdintzeko hamar urte iraun behar dizu hozkailuak, eta ez da hala izango.
Berrerabilpena birziklatzearen aurretik...
Hori da zaharkitzapenaren aurka borrokatzeko modu bakarra. Ingurumenaren aldetik, asko aurrezten da berreskuratutako garbigailua erosiz, berria erostearekin alderatuta. Ez naiz gogoratzen zifra zehatzez, baina kalkulatuta dugu berreskuratutako gailu bakoitzeko CO2 kopuru esanguratsua igortzeari uzten diogula.
Nola sustatu daiteke berrerabilpena?
Espainiako Estatuan bada lege bat, baztertutako etxetresnen –ez guztien– %2 berrerabiltzeko helburua ezartzen duena 2017rako. Oso gutxi da, guk %5 eskatzen genuen, baina garrantzitsua da hastea.
Zer portzentajetan gaude orain?
Hutsaren hurrengoan. Ez baitago beharrik tresnak konponketa-gune honetara edo antzeko batera eramateko. Saltoki handiek, gailu bat saldu eta zaharra jasotzen dutenean, hona ekarri behar lukete, baina txatartegira eramaten dute. Han birrindu egiten da, eta kito. Gero, industriara joaten da txatarra hori. Zuzenean birziklatzera joaten dira, berrerabilpenetik igaro gabe.
Amaitzeko: nork esan behar du zenbat iraun behar duten gauzek?
Gauzek nahi beste iraun dezakete. Lehenbiziko garbigailu patentea orain dela 300 urte aurkeztu zuten. Ez esan niri 2016an ez garela gai bizitza osoa iraungo duen garbigailu bat –hain gauza sinplea!– egiteko. | news |
argia-556ca886418c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2517/nor-gara-gu-eta-nor-dira-haiek.html | Nor gara gu eta nor dira haiek? | Iv�n Gim�nez | 2016-07-24 | Nor gara gu eta nor dira haiek?
Uxue Barkosen hitzak dira, orain dela urtebete esandakoak, inbestidura saioan: "Abertzalea ez den lurralde bateko presidente abertzalea naiz". Beste modu batez esanda: "Gutxiengo baten partaidea banaiz ere, Nafarroako presidente izatera iritsi naiz". Antzeko zerbait gertatu zitzaion Barack Obamari (beltzak oraindik gutxiengoak dira Amerikako Estatu Batuetan), baina Obamak ez zuen gutxiengo horretan bere burua kokatu, nahiz eta horren partaidea izan, jakina.
Barkosi entzunda, edonork pentsa dezake bide ez demokratiko bati esker heldu dela agintera. Nola da posible, bestela, gutxiengo baten ordezkaria izanik Nafarroako presidente bihurtzea?
Jakina denez, errealitate-printzipioari jarraituz, Barkosek esan nahi zuena ez zen hori, euskalduna izatea ez zela derrigorrezko bihurtuko baizik, bere Gobernuak ez zuela herritar abertzaleak fabrikatzeko asmorik. Edo antzeko zerbait.
Oso bestelako irakurketa egin daiteke.
Barkos ez zen Gobernura iritsi abertzalea delako, baizik eta agintean zeudenak kaleratu ahal izateko gehiengo sozial batek bozkatu zuelako. Azken finean, Corralito forala babesten zutenak Diputazio jauregitik botatzea zuten helburu.
Alabaina, gehiengo sozial horretan zeuden (daude) abertzaleak eta ez abertzaleak. Eta edonon, presidente demokratiko bat gehiengo sozialari esker heltzen da agintera. Nafarroan ere hori gertatu zen, baina Barkosek ez zuen bere burua kokatu gehiengo horren baitan, gutxiengoaren barruan baizik. Gainera, gutxiengo abertzalea epe luzerako izanen da gutxiengoa Nafarroan (ez bada betiko).
Gauzak horrela, hil ala biziko garrantzia dauka gu eta haien arteko marra non kokatzen den jakiteak. Azken finean, politika eraldatzailearen gakoa hor dago: nor gara gu eta nor dira haiek?
Barkosek gauzak benetan aldatu nahi dituen gehiengoaren ordezkaria izan nahi badu, ez dio abertzalea izateari utzi behar, baina gehiengo horrek zer eskatzen duen aztertu (zeren zain dago?) eta horri erantzun behar dio.
Bestela esanda: gu eta haien arteko marra nondik doan zehaztea eta nor gauden alde batean eta nor dauden beste aldean aztertzea (ziurrenik, abertzaletasunak ez du marra hori zehazten). Eta horren arabera jokatu behar du, boteretsu batzuei gustatuko ez bazaie ere. Orduan, amestutako aldaketa etorriko da, eta berarekin batera, benetako gatazka politikoa, inork ez dituelako bere pribilegioak borondate onez utzi nahi.
Jakina denez, ez dago guztion mesederako erabakiak hartzerik. Beraz, batzuen kalterako neurriak hartzerakoan (Corralito foralaren babesle eta onuradunen kalterako, noski), gauza bat oso garbi eduki behar da: nor gara gu eta nor dira haiek. | news |
argia-eeede52e0e09 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/amarauna.html | Jolasa kalera ateratzea xede | Nerea Ibarzabal | 2015-02-22 | Jolasa kalera ateratzea xede
Kirikiño, Kar-Kabia, XAT, Kukumixo, Txipristin, Txatxilipurdi, Goñi… Euskal Herriko aisialdia josten duten hainbat talde biltzen ditu Amarauna sareak. Elkarte eredu ezberdinak izan arren, euskararen, sormenaren eta parte-hartzearen baloreetan sinesteak batu ditu, besteak beste. Elkarren arteko hariak sendotzeko Amarauna Jaialdia antolatu dute otsailaren 21ean, Zarautzen.
Eginbeharrekoak amaitu ondorengo aktibitatea da jolasa askorentzat, "gauza garrantzitsuak" egin eta gerokoa, denbora-pasa. Batzuen ustez, ikasi eta gero datorren tartea baino ez da aisialdia, hezkuntzaren digestio-aparatuko apendizea. "Aisialdia hezkuntza dela ikusaraztea da Amaraunaren helburua". Irati Seijo, Usua Martinez, Julen Portillo eta Oier Peñagarikano aisialdi taldeetako hezitzaileak dira, Lekeitioko Kar-Kabia, Zarauzko Txipristin eta Euskal Udalekuetako Goñiko Etxekoak, zehazki. Balioak beste modu batean transmititu daitezkeela uste dutelako elkartu dira Amaraunan, "eredu tradizionaletik urrunduz eta botere harreman ezberdinen bitartez".
Amarauna proiektu independentea da gaur egun, baina hasieran, duela bost urte, Bizkaiko Urtxintxa eskolaren baitan sortu zen, begirale ikastaroak egiten zituztenek praktiketarako aukera izan zezaten. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako aisialdi taldeak daude saretuta, nahiz eta Euskal Herriko zazpi lurraldeak hartzen dituzten kontuan. "Iparraldeko UdaLeku elkartearekin harreman zuzena daukagu, eta Nafarroako talde batzuekin ere hitz egin dugu. Hala ere, haiek bizi duten errealitatea eta dituzten beharrizanak gureengandik oso ezberdinak dira".
Euskara, parte-hartzea, hezkidetza... gisako balioak talde bakoitzak bere modura lantzeko askatasuna dauka. Kar-kabian, adibidez, tokiko ezagutza urteroko udaleku ibiltarian lantzen dute. "Euskal Herrian barna ibiltzen gara urtero. Goizez oinez egin, eta arratsaldez herrietako eragile eta elkarteekin batzen gara". Zarautzetik igaro zirenean, Putzuzulo gaztetxeko jendearekin tailerrak egin zituztela azaldu du Irati Seijok, eta lotarako lekua ere bertan eskaini zietela. Gaztetxeetan ez bada, zelaietan, frontoietan edo aisialdi taldeen lokaletan pasatzen dituzte gauak, baina beti herritarrek kudeatutako txokoetan. "Herriak barrutik ezagutu ditugu, eta horrek egiten ditu berezi udalekuak".
Udaleku, egun pasa eta ekintzetan ezer gutxi uzten da inprobisazioaren esku, jolas bakoitzak aurre-prestaketa bat eta landu beharreko gaiak baitauzka atzeko patrikan gordeta. Eguraldiak ere ezin du hori baldintzatu. Goñiko udalekuetan, eguraldi onarekin eta txarrarekin egin daitezkeen jolasak prestatzen dituzte badaezpada, eguzkitan nahiz aterpean balio berdinak transmitituko dituztenak.
Talde baten parte
Gazte bati aisialdi taldeak zer eskaintzen dion galdetu eta "autonomia", "baliabideak" eta "autoestimua" hitzak aipatu dituzte, eta bada esaldi bat sarri errepikatu dutena: "Denok gara bat". Koadriletan sailkatutako herrietan, harreman berrien oasiak izan daitezke aisialdi taldeak, elkar ezagutu arren inoiz traturik izan gabeko pertsonen lagun egiteko aukera ematen baitute. "Herrian edozein arrazoirengatik 'markatuta' dauden gazteek lagun berriak egiten dituzte. Talde baten parte sentitzen gara", azaldu du Seijok.
Baina heziketa mota hau ez da "nik badakit eta zuk ez" metodoan sartzen, aisialdia hezitzaileentzako hezigune ere badelako. Jolasteko zirrara, keinu txikiek sortutako oilo ipurdia, udaleku amaierako negarrak... berdinak dira gazte nahiz helduentzat. Goñiko taldeko sukaldariak 70 urte ditu, eta begirale gazteenak berriz, 17; adin tarte handiak dakarren aniztasunaz gain, botere harremana parekatua dela ikusten dute haurrek, eta hori da aberasgarriena, Oier Peñagarikanoren ustez. Hezitzaileen artean sortzen den harremana oso berezia da, hain berezia, non udalekuak amaitu ostean ere hainbat egun igarotzen baitituzte elkarrekin Euskal Udalekuetakoek, "mundu utopiko" hori luzatu nahian. "Azkenean, norentzat antolatzen dugu hau guztia benetan? Umeek asko ateratzen dute hemendik, baina guk agian gehiago!", diote Amaraunakoek.
Jolasaz hezi, kalea bizi
Otsailaren 21ean jolasarentzat kalea berreskuratu nahi du Amaraunak. Jolastuz hezi daitekeela ikusarazi nahi dute, eta horren bidez kalea biziberritu, bertan dauden herritar guztiekin batera. Irrien Lagunak, Bertso Showa, ipuin kontalariak, puzgarriak... Egitarau betea prestatu dute gerturatzen diren haur, guraso eta hezitzaileentzat. Proiektua ezagutarazteko balioko du Zarauzko jaialdiak, Amaraunak saretze lanaz gain beste hainbat zerbitzu eskaintzen baititu, begirale eta zuzendari ikastaroak esaterako. Aterpeak.info webgunea ere sortu zuten, Euskal Herriko aterpetxe, kanpaldigune eta zelaien berri ematen duena, bisitariek sartzen duten informazioari esker.
Jaialdirako gonbita luzatua dago eta Amaraunakoek jo dituzte etxeetako txirrinak... "Ba al zatoz kalera jolastera?". | news |
argia-74abfed59e50 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/bizikidetza.html | Bake giro eskasa oraindik ere | Mikel Asurmendi | 2015-02-22 | Bake giro eskasa oraindik ere
Iraganeko bizipenen aitortza garaian bizi gara, edo halaxe nahi behintzat. Antxeta irratiak eta Lokarrik antolatutako Bidasoako jardunaldiak horren lekuko. Lehen ekitaldia Hondarribian izan da, hil honen 5ean. Bizikidetza sendoa izanen bada, jendarteak –klase politikoa buruan buru– ikaskizun dezente gainditu beharko duela adierazi zuten hizlariek.
Elkarbizitza sustatu aldeko hiru ekimen izan dira otsailean, Hondarribia, Hendaia eta Irunen. Cristina Sagarzazu, Belen Zabala, Fermin Urtizberea eta Jose Miguel Gómez Elosegui, Lokarriko Aitziber Blanco moderatzailearen alboan eseri ziren Hondarribiko Itsas Etxean. Haien parean 200 lagun inguru, adi-adi eta isilean. Hona moderatzailearen zenbait hitz: "Bizikidetzaren bidea ez da samurra, baina gizartearen esku dago. Elkar 'entzutea' eta 'ezagutzea', horiexek gakoetako batzuk".
Jose Miguel Gómez Elosegui
J. M. Gomez Eloseguik hartu zuen hitza abiaburuan, ETAk 1997an hil zuen Francisco Javier Gómezen anaiak: "42 urte nituen anaia hil zutenean. Bi hilabete pasa arte ez nuen nire barne amorrua libratzerik izan, ondoren, zazpi hilabeteko terapia bati esker nire burua altxatu nuen. Hilketak areago bakezaleagoa izaten lagundu zidan".
F. J. Gómez Elosegui Martutene espetxeko psikologoa zen. ELAko kidea, euskal nazionalismoaren ingurukoa. Anaia nola hil zuten kontatu zuen, hunkitua baina lasai. Hiltzailearen datuak eman zituen, baita familiak nola bizi zuen kontatu ere, euren amaren esaldi hau barne: "Herri honek ez du konponbiderik". Jose Miguel baikorra da izatez, baina biolentziaren efektuak oso kutsakorrak direla azpimarratu zuen. Gizartea ez du inork tutelatu behar, eta are gutxiago ETAk. Bizikidetza sendotzeko denbora luzea beharko da, alde bateko zein besteko atentatu guztien argipena. "Ez dago indarkeria justifika dezakeen xede politikorik", gehitu zuen.
Fermin Urtizberea
Fermin Urtizberea hiru egunez bahitua izan zuen GANE talde parapoliziak 1988an (Grupo Antiterrorista Nacional Español). Guardia Zibilak 1976an atxilotu zuen lehen aldiz. Poliziaren eta talde parapolizialen aldetik –hamabost urtez– jasandako jazarpen lazgarriak kontatu zituen, lehen aldiz publikoki kontatu ere. Ezker abertzaleko zinegotzia izan zen Hondarribian. Atxilotua eta jipoitua izateaz gain, isunak ordainarazi zizkioten bi bider: 20.000 eta 15.000 pezetakoak. Baserrian bizi zen, eta jazarpen bortitzek kalera bizitzera behartu zuten. Lagunen etxeetan bizi izan zen, aldian-aldian tokiz aldatuz. Bidasoa aldean ETAren atentatu bat zenean, Urtizberea poliziaren jomuga izaten zen. Kartzela ezagutu arren –hiru hilabete pasa zituen Martutenen–, une latzenak aldian aldiko bahiketak eta jazarpenak izan omen ziren. Ezagutu du ustezko poliziaren pistola parean izatea eta bala bat albotik pasatzen sentitzea: "Ez dut hiltzeko beldurrik izan. Akusatu zizkidaten ekintza guztien errugabea naiz. Gatazkan biktima asko dago, baina nire ideologiaren aldeko kasuei ez zaie besteei bezala begiratu, areago, ni iraindua izan naiz, niri gertatuak neronek asmatuak izatea aurpegiratu didate", esan zuen.
Belen Zabala
Josu Zabala hondarribiarraren iloba da Belen Zabala. Etxean Jesus Mari deitzen omen diote osabari. Sei anaia-arrebetako gazteena zen. 1976ko irailaren 8an hil zuen Guardia Zibilak, herriko jaietan, amnistiaren aldeko aste gogoangarrietako batean. Hil zutenean Adolfo Suarez zen Espainiako presidentea. Alkateak senperrenak egin zituen Estatuko indar armatuak herritik kanpo gera zitezen, tokiko agintariekin nahiz Madrilgo instantzietako nagusiekin saiatu ere. Alferrik, halere. Guardia Zibilak herria hartu zuen eta haietako batek bi tiroz hil zuen Zabala, inolako "begiespenik" gabe. Autopsiak baieztatu zuenez, tiroak bertatik bertara eginak izan ziren. Mobilizazio ugari eta protesta gogorrak izan ziren biharamunean: apezpikuek, enpresariek, lantegietako nagusiek, herritarrek eta langileek egundoko erantzuna eman zuten. Josu Zabala Laminaciones de Lesaca enpresako langilea zen, delineante ofizioz. Belen Zabalak honela kontatu zuen: "Bertako egunkari batek osaba Jesus Mari 'Un joven de Irún de 22 años y de profesión delincuente' idatzi zuen. Orduko erregimena nolakoa prentsa halakoa. Familiak urteak eta urteak eman zituen tamainako iraina ezabatzen. Ahalegin hura ere alferrikakoa. Belenek dioenez, herriaren eta herri elkarteen atxikimendua handia izan da, botereen eta instituzioen aldetikoa, berriz, "existitu ere ez". Belenek osabaren aita-ama gogoratu zituen, zeharo jota hil ziren, penaz biak ala biak. Alde bateko biktima batzuek egia fermuki exijitzen dutela gogoratu zuen, baina bere iritziz, biktima guztiak ez dira berdin gogoratuak ez lagunduak. Josu Zabala hil zuen guardia zibilak ez zuen kartzela zapaldu ere egin, urte hartako amnistiari esker.
Cristina Sagarzazu
ETAk 1996ko martxoaren 4an hil zuen Montxo Doral ertzaina. Haren alarguna Cristina Sagarzazu ez da inoiz bizitza publikotik at bizi izan: "Nik ez dut Montxori buruz hitz egiten, eta gaur ere ez dut egingo", esan zuen hizketan hastean. Jardun laburrena berea izan zen, sendoa horregatik. 36 urte zituen senarra hil zutenean, baita bi seme-alaba ere. "Nire etxean ez da gorrotoa sartuko". Horra bere maximetako bat. Ez da hori jendaurrean adierazi duen lehen aldia, ezta bere senarra –bera bezala– abertzalea eta independentista zela. Sagarzazuk hedabideak salatu zituen: "Hildakoen bizkarretik egin ohi duten maneiua doilorra da". Hori larrutan jasan izan zuen berak. Senarraren hilotza artean bero zegola hedabide baten deia jaso zuen, zuzeneko irratsaio batean sartzeko gonbidatuz: "Ezetz esan nien. Haatik, telefonoaren bestaldetik hitz hauek entzun behar izan nituen: 'Sabin Etxeko aginduen zain al zaude hitz egin ahal izateko?'". Berarekin eseri ziren gainerako solaskideen antzera, Sagarzazuk "biktima" hitza ez du gustuko: "Montxo ETAk hil zuen, modu doilorrez hil ere. Ez dut inoiz ahaztuko, baina ez dut ahazten ere hildakoen lepotik hainbatek atera duten probetxua, probetxu ankerra. Sentsibilitatea oso eskasa da alde guztietatik. Errespetu hitza ahoan bai, baina 'mordaza' ezarri digute. Eta hori erraz onartu du gizarteak", adierazi zuen Sagarzazuk.
Egia, justizia eta erreparazioa
Horratx hiru hitz potolo. Zein baina zein maiseatuagoak, "biktima" hitza ere halaxe izaki, solaskide bakoitzarentzat. Norberak hitzari bere ñabardurak egin zizkion, halere. Aretoan zeudenen galderei erantzun zieten lau hizlariek azkenik. Galdera anitz, eta erantzunak ere bai. Laurek bat egiten dute diagnostiko zenbaitetan. Adibidez: "Isiltasuna da gizarte honen gaitza, gaitz handia. Zauriak sendatu behar dira, baina horretarako asko hitz egin behar da. Elkar aditzen eta hizketan egoki jarduten ikasi behar dugu denok".
Pasadizoek ondo baino hobeto islatu zuten pertsona hauek bizi izan dituzten une latzak. Horiek baina ez dira kontuak edo ipuinak bailiran ulertu behar. Baldin eta egia, justizia eta erreparazioa guztiontzat izanen bada, hitzak edukiz bete behar dira. Eta artean, denbora luzea beharko da. Hitzak hitz, honako aburu hauetan laurek bat egiten dute: hiru hamarkadetan gertatutako bortxa lazgarriaren ondoren, ikaskizun eta eginkizun handiak ditu jendarteak. Egindako mina, alde guztietan egindako mina, egileek beraiek onartu behar dute, batzuek zuzenean egindakoa eta bestetzuek zeharka. Higiene demokratikoa oso eskasa da, zeharo eskasa oraindik ere. Eta, zeregin horretan, lehenik eta behin, alderdi politikoek erakutsi behar dute kultura demokratikoa. Agintariek, alegia. | news |
argia-ad2b7307501c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/kitigan-zibi.html | Kitigan zibi | Itxaro Borda | 2015-02-22 | Kitigan zibi
Feminizidioa hitza ezpainera dator Mexikoko Ciudad Juárezko makilladoreen itzalean agertu emazte hilotzak metatzen ikustean. Emmanuelle Walter kazetariaren Ahizpa ebatsiak tituluarekiko ikerketak pobrezia, genero biolentzia eta jatorri etnikoa loturaren latza berriz baieztatzen du, Kanada eta Quebec aldeetako emakume amerindioen kasua aztertuz: hiru hamarkadaz mila berrehun desagertze zenbatu dira eta haietarik anitz cold case entzutetsuak dira oraindik. Algonkinoak biltzen dituen Kitigan Zibi erreserbatik 2008tik falta diren Maisy eta Shannon gazteak ardatz, polizien zein gobernarien arduragabekeriak azaleratzen ditu. Liburua, hilobi zurbil haluzinatua bihurtzen da, kontzientzia hartze kolektibo bat, feminista batasun indioetatik haste.
Nork ditu indigenak edo aborigenak maite? Beraien baitako eta arteko biolentziak dituela suntsitzen erraten da, burua inguratuz, biolentzia hori berpizkunde garaitik honarainoko kolonialismo etengabearen ondorioa baldin bada ere. Norberarenganako maitasun ezaz baliatzen dira gauaren erdian harrapari hiltzaileak!
Haustura sentimentalaz urratzen doa Björk. | news |
argia-e53ca63f237a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/kastitate-gerriko-zaharren-gezur-berria.html | Kastitate gerriko zaharren gezur berria | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-02-22 | Kastitate gerriko zaharren gezur berria
Lur Santua, 1095. Lehen Gurutzada abiatu zen eta milaka gurutzatu kristau "fedegabeen" aurka borrokatzera joan ziren, senideak, emazteak, sorterrian utzita. Gudu-zelaian musulmanekin gudukatu behar zuten, baina etxean beste fronte bat utzi zuten zabalik: emazteen bekaturako tentazioa. Baldin eta, alde egin baino lehen, kastitate gerrikoaren bidez ixten ez bazuten. Hala, Gurutzadetara nahiz beste edozein gerratara joan baino lehen, Erdi Aroko militarrek emazteen bertutea giltzapean gordetzen zuten. Edo hala esan izan digute behintzat.
Gerrikoaren zerrapoa irekitzeko bi giltza zeuden: bata senarrak eramaten zuen soinean eta bestea apaiz bati ematen zion gorde zezan. Senarra lau urte eta gero itzuli ez bazen, apaizak kentzen omen zion gerrikoa emazteari. Bada, hori ezinezkoa da. Metalezko gerriko horiek zenbait orduz, gehienez ere pare bat egunez erabil daitezke. Urradurek, zaurturek eta infekzioek jota hilko litzateke emakumea. Eta horiek saihestea lortuz gero, epe luzeagoan, metalaren herdoilak tetanosa eragingo lioke.
Gainera, Erdi Aroko kastitate gerrikorik ez da gaurdaino aurkitu. Museotan horrelako aleak erakutsi izan dituzte, baina piezak ganoraz aztertuta guztiak XIX. mendeko faltsifikazioak direla ondorioztatu dute. Esaterako, British Museum-en gerriko bat zegoen ikusgai 1846an, baina azkenean kentzea erabaki zuten, faltsua zelako.
Literaturan ere gerrikoen berririk ez dago Erdi Aroan. Pentsatzekoa da Bocaccio, Bardello edo Rabelaisek, esaterako, hain gailu bitxia eta ohikoa aipatuko zutela beren satira erotikoetan. Baina aipamenik txikiena ere ez dago. Gerrikoa XVI. eta XVII. mendeetako satiretan agertzen hasi zen, gizonezkoek emakumea hertsiki lotuta izateko ohitura batere osasungarria ez zela adierazteko. XVIII. mendean Voltairek lehenik eta Diderotek gero, serioago hartu zuten gaia. Ilustrazioko pentsalarientzat Erdi Aroko basakeriaren sinboloa zen kastitate gerrikoa. Eta handik aurrera inork ez zuen pentsatu gerrikoak zentzu metaforikoa izan lezakeenik eta inork ez zuen zalantzan jarri existitu zirenik.
Berez, emakumeak XIX. mendean hasi ziren kastitate gerrikoak erabiltzen Frantzian eta, nagusiki, Ingalaterran. Erdi Aroko ustezko gerrikoak baino finagoak, arinagoak eta txikiagoak ziren; eramangarriak, beraz. Batez ere bidaietan edo gerra eremuetan erabiltzen zuten, bortxaketa sistematikoak saihesteko. Eta klase ertaineko edo goi mailako familietan neskato nerabeei gerrikoa indarrez jartzeko ohitura ere zabaldu zen urte horietan, beti ere neskatoen mesedetan, jakina, viktoriar pentsamoldearen arabera, masturbazioak gaixotasun fisiko eta mentalak eragiten zituelako.
Hortaz, kastitate gerrikoa ez da Erdi Aroko urte ilunetako beste krudelkeria bide bat, Aro Garaikidean emakumeak erasoetatik pasiboki babesteko eta, gerora, haien sexualitatea erreprimitzeko gailua baizik. | news |
argia-ccb56b66b66a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/el-diario-fatxo-diariofatxo.html | "Jende batek Diario Vasco irakurtzeari utzi eta gu jarraitzen gaitu orain" | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-02-22 | "Jende batek Diario Vasco irakurtzeari utzi eta gu jarraitzen gaitu orain"
Gipuzkoan periodikoa erosi duzula esaten baduzu, gehienetan ez dizute galdetuko zein den ere, hainbestekoa da batek besteei ateratzen dien aldea. El Diario Vascok lortu du lurraldeko hedabide hegemonikoa izatea, bere publikoak haren ildo editoriala neutraltzat jotzeraino –nahiz eta gauza jakina den izparringi bakar batek ere ez duela lortu munduan kualitate horren jabe izatea–. Nagusitasun mediatikoa lehiatuko dioten proiektuen faltan, 2014arekin batera troll bat sortu zen, El Diario Fatxo eta geroztik periodikoaren eguneroko markajea egiten du. Beharbada Euskal Herrian eragin handiena lortu duen trolla da, saretik kalerako saltoa ematea ere lortu baitu. Zer, nola, zein helbururekin? Egitasmoaren arduradunek ondorengo elkarrizketan azaldu dute.
El Diario Fatxo k bere burua troll gisa definitzen du ala zerbait zabalagotzat?
El Diario Vasco trolleatzen dugu, hor ez dago dudarik. Halere, egiten duguna ez da trolleatze hutsa, modu klasikoan ulertzen den trolleatzea. Gu ez gatoz eztabaida lehertzera, beren mezuari buelta ematera baizik, eta bide batez, barre pixka bat eragitera. Ironia eta kritika erabiliz, bere burua neutraltzat aurkezten zuen eragile bat bere lekuan jarri nahi izan dugu herritarren aurrean.
Zertan desberdintzen da El Diario Fatxo Twitterren dauden beste parodia-profil batzuetatik?
Lurralde bateko botere faktiko indartsuenetako bati egurra emateko sortutako ekimena dela gurea, eta hori ardura handia da. Funtzio bat betetzen dugu eta lana da hori. Horretarako antolaketa oso garrantzitsua da.
Zein izan zen inspirazio iturria?
Umiltasunez diogu, ez dugula gurea bezalako beste eragilerik ezagutu gu sortu aurretik. Ez behintzat horrela hedabide batekin guk daukagun jokabidea duen inor. Urtebetean gure bidea asmatzen joan gara. Helburu txikiak jarriz, baina horiek lortzeko lan eginez. Gerora konturatu ginen La Retaguardia kontua existitzen zela La Vanguardia egunkaria kritikatzeko –eta egun ziber-lagunak gara–, baina oso bestelakoa da kontua. Eta gure ondoren, fenomeno txiki bat izan da, kontu asko sortu dira boterearen hedabideen mezua agerian uzteko. Horrekin oso pozik gaude, batez ere El Chorreo Español eta Diario de Pattarra rekin [ El Correo eta Diario de Navarra ren edukiak parodiatzen dituzte, hurrenez hurren]. Frankismotik hedabideak nahi bezala erabili dituzte, euren burua neutraltzat aurkeztuz, herritarren %1aren interesak defendatzen zituzten bitartean. Nahikoa da beste %99a geure arteko liskarretan trabatuta edukitzeaz.
Zein da El Diario Fatxo ren helburua? DV desagerraraztea, haren irakurleen artean kritikotasuna sustatzea, egunkari hori nolabait "erreformatzea"?
Diario Vasco k Gipuzkoan duen eragina hutsaren hurrena izatea lortzea.
Lehenago ere egon izan dira El Diario Vasco ren irudi publikoa auzitan jartzeko kanpainak: 1990eko hamarkadan, adibidez, ez zen zaila zenbait girotan " Diario Vasco: egi gutxi, gezur asko " zioten pegatinak ikustea. Zer aukera berri eskaintzen dituzte sare sozialek horrelako kanpainak martxan jartzeko?
Sare sozialek ematen digute aukera jarraikortasuna emateko ekimenari. Egunero mezua elikatzeko. Egunero beren egunkaria irakurri eta beren posizioak agerian uzteko, aukeratzen dituzten hitzak nabarmentzeko, esan gabe buruan sartzen dizkiguten kontu guztiak identifikatu eta agerian uzteko. Eta noski, ateratzen ez dituzten albisteak zein diren identifikatzeko. Sare sozialek, gainera, publiko oso zabalarengana helarazteko aukera ematen digute.
Iruditzen zaizue lortu duzuela berez Diario Vasco ren kontra egon zitekeen jendeaz gain beste irakurlego bat konbentzitzea?
Bai, inguruko jende dexentek esan digu gure ekimenari esker Diario Vasco irakurtzeari utzi diola, edo orain konturatzen dela zelakoak sartzen dizkieten beren irakurleei. Hori oso pozgarria da. Eta horrela jarraitu behar dugu, tipula geruzaka pixkana zuritzen.
Kazetari gisa zalantza sortzen zait: gauza bat da edozein mediok argitaratzen duena aztertzea eta kontraesanak ateratzea, baina, zergatik hedabide jakin batekin bakarrik (eta hainbeste)? Zergatik jo Diario Vasco ren aurka eta beste hedabide batzuk ez auzitan jarri?
Diario Vasco Gipuzkoan sinbolo bat da. Boterearen, status quo aren, frankismoaren, manipulazioaren, kapitalismoaren, patriarkatuaren, hipokresiaren, manipulazio historikoaren eta beste gauza askoren sinboloa. Eta mundu hobe bat amesten dugulako, sinboloak identifikatu eta eraitsi behar dira.
Horrez gain, Diario Vasco k ikaragarrizko eragina zeukan gure gizartean. Berea zen egia bakarra eta hori amaitzea benetan beharrezkoa zen. Egun oraindik agenda markatzeko indar handia du eta laster horri helduko diogu. Ezin gaitu eskuin muturreko egunkari batek horrenbeste baldintzatu.
Hedabide baten sinesgarritasuna El Diario Fatxo bezalako ekimen batetik kolokan jarri nahi izatea ez al da paradoxikoa? Hau da: anonimotasunetik eta konspirazio itxura elikatuz funtzionatzen duzue; egunkarian "sator" bat daukazuela esan izan duzue behin baino gehiagotan, adibidez. Klandestinitate horrek ez al du ekimenaren aurka jokatzen? Jendeak esan dezake Diario Vasco agian ez dela sinesgarria, baina zuek ere ez…
Hedabide batentzat sinesgarritasuna da izan dezakeen gauzarik preziatuena. Gu horrek jartzen gintuen sutan: horrenbeste gezur eta erdi-egia esaten zituen egunkari honek nola izan zezakeen horren irakurketa akritikoa? Zein erraz manipulatzen zuen gizarte honen pentsamendu orokorra, benetan txundigarria zen. Eta oraindik ere hala jarraitzen du, baina geroz eta gehiago kostatzen zaio. Horregatik erabaki genuen bere sinesgarritasunari eraso egin behar geniola lehenik.
Ez dugu uste gure anonimotasunak sinesgarritasuna kentzen digunik. Hitzek ez, ekintzek ematen diote bakoitzari sinesgarritasuna, eta gure komunitateak ongi ikusten du zer lan altruista den egiten duguna. Gure denbora librean egiten dugu guztia, gure baliabide xumeekin, baina maitasun handiarekin.
Eta ez ahaztu Diario Vasco k ordezkatzen duena Gipuzkoako jenderik boteretsuena da. Segurtasun neurriak mantendu behar ditugu. Lurralde honetako boterearen sinboloa ari gara kolokan jartzen eta ez gara hain inuzenteak.
"Horren atzean Bilduko jendea dago", esan zidan lagun batek duela ez asko. Zer erantzungo zeniokete?
Hemen atzean jende asko dagoela, bakoitza bere aita eta bere amarena. Harrituko zinatekete zenbat jendek egiten dituen ekarpenak pribatuan, zenbat irakurketa, kartel eta informazio. Zenbait ideiatan bat egiten dugula Bildurekin? Noski. Baina batez ere, Diario Vasco k sinbolizatzen duen horren aurka gaude.
Nori zuzenduta daude El Diario Fatxo ren mezuak: egunero erosten dutenei, tabernan irakurtzen dutenei, oso zalea izan ez arren, kontrako jarrerarik ez duen jendeari? Hau da, egunkariak daukan publikoaren segmentu zehatzen bat du xede zuen lanak?
Hasieran asmoa egunkariaren sinesgarritasuna auzitan jartzea zen, eta horretarako bere irakurleengana jo genuen zuzenean. Orain pixka bat finkatu gara, jende askok Diario Vasco irakurtzeari utzi dio eta gu jarraitzen gaituzte. Gure komunitatea da hori eta asko maite ditugu. Jende hori da ahoz aho, txingurri lana eginez, gainontzeko jendeari Diario Vasco k zer egiten duen azaltzen diona, eta gure lana da egunero argumentuak ematea, arrazoiak, sare sozialak erabiliz milaka sukaldetara zuzenean sartzen den mezu horri buelta ematen laguntzeko.
Asko ari gara hitz egiten sarean egiten duzuen lanaz, baina beharbada irakurleek ez dute ezagutuko. Egin duzuen ekintzaren bat kontatuko zenukete?
Gure trolleatze onenetako bat ondokoa izan da: Diario Vasco ra iritzi artikuluak bidaltzen genituen, batzuk Bilduri egurra emanez eta besteak Bilduren alde. Ikusten genuen egurra ematen ziotenak bakarrik argitaratzen zituztela, baina horretaz berandu konturatu ginen, alegia, ezin genuen frogatu. Orduan, bururatu zitzaigun artikulu bat idaztea esanez atez ateko hondakin bilketa zerrikeria hutsa zela. Argitaratuko zutela bagenekien, eta esaldi bakoitzeko lehen hizkiarekin DIARIOFATXO idatzi genuen. Gainera artikuluaren sinatzaile gisa frankismo garaian haurrak lapurtzen zituen moja baten izena jarri genuen. Barre asko egin genuen.
Saretik kalera salto egin du El Diario Fatxok. Irudian, Donostiako Amara auzoko bizikletentzako erreiaz Diario Vasco egunkariak argitaratu izan dituen albisteez trufatzen den pankarta.
Interneti esker boterean dagoena –kasu honetan botere mediatikoa– trolleatu nahi duen ekimen batek zabalkunde handiagoa lor dezake, baina, mugak ere ba ote ditu? Sumatu al duzue zuen komunikatzeko moduak zenbait herritarren artean etsaitasunik piztu ote duen?
Sareak bere mugak ditu noski, baina espazio librea da eta doakoa. Jende gaztearengana heltzea da lehen helburua, egunkaria irakurtzen dutenen artean belaunaldi mozketa eragiteko. Pegatinekin asko trolleatu ditugu, milaka atera ditugu eta Gipuzkoa osoan banatu dira.
Horrez gain, udako kanpaina egin genuen –herriko jaietan pankarta umoretsuak egiteko eskatu genion jendeari–, geure burua aurkezteko asmoz, erabiltzen dugun izenarekin berarekingauza asko esaten baitiogu jendeari. Hainbat herritan kalean kartelak jartzen ditugu eta astero berritzen ditugu, Oñatin esaterako –bide batez, aupa Oñati!–.
Etsaitasuna? Beno, beren interesak kolokan ikusi dituzten horiei ez die grazia handirik egin gure ekimenak. Zer egingo zaio!
Zer paper betetzen du umoreak zuen komunikatzeko moduan? Mota diferentetako mezuak ikusi dizkizuegu: eduki politiko oso esplizitua dutenetatik ironia asko daukatenetara. "Trollak bai, borroka ere bai"? Zein da irizpidea une bakoitzean mezu mota bat edo bestea erabiltzeko?
Umoreak asko laguntzen du mezua zabaltzen: imajinatu Diario Vasco ren manipulazioak modu serio-serioan salatuko bagenitu. Ez genuke daukagun eraginaren laurdenik ere. Txisteek gauza larriak jolas modura aurkezten laguntzen dute, eta horrela, publiko zabalagoarengana heltzen gara.
Gipuzkoako politika ez da –ez zen?– sekulako pasioak pizten zituen gaia, nahiz eta, noski, herritarren bizimodua baldintzatzen duten erabaki asko eremu horretako erakundeetan hartu. Zentzu horretan, kontrapropaganda egitea zailagoa da El Diario Fatxo rentzat? Errazagoa litzateke, adibidez, irakurle guztientzat identifikagarriagoak diren esparru politikoak gaitzat hartuko bazenituzte?
Gure kritikak pedagogia egiteko ere baliagarriak dira. Adibidez, Zubietako errauskailuaren gaia. Diario Vasco k ordezkatzen duen lobby errausle porlanzalearen ikaragarrizko manipulazioa jasan behar izan dugu Gipuzkoan. Eta gol itzela sartu ziguten, herritarren gehiengoa birziklatzea proposatzen zuen edozein ekimenen aurka jarriz. Hori ikaragarria da. Egun badugu funtzio sozial bat, eta gaiarekin matrakan jarraitzen dutenez, beren albisteak baliatzen ditugu atez atekoaren aurka egon zitekeen jende mota bati begiak irekitzen laguntzeko, esateko: "aizu, zergatik zaude atez atekoaren aurka? Diario Vasco k dioelako zikina dela? Ez al zara konturatzen errauskailua eraiki nahi dutela?".
Trollak neutralizatzeko badago lema bat, "ez eman jaten", alegia, ez erantzun dioenari. Zuen kasuan bete ote da? Berriki egunkariko zuzendariordea ikusi nuen El Diario Fatxo ren txio bati erantzuten: interlokuzioa onartzeak esan nahi ote du, zuen presentzia onartu eta kontra-argudiatzera behartuta sentitzen hasi direla?
Trolla ez elikatzearen hori ongi dago trolla isolaturik badago, inork ez badio kasurik egiten eta ez badu eraginik. Baina ez da gure kasua izan sekula. Jendea gurea bezalako ekimen baten zain zegoen, hasieratik ikusi genuen, eta berehala iritsi ginen milaka jarraitzaile izatera. Eta orduan, dagoeneko zaila da zer egin erabakitzea. Erantzungo diegu? Ez? Baina tira, bai, gurekin sartzen dira, eta horrek asko pozten gaitu ;-)
Informazio gehiago:
Troll politikoei buruzko erreportajea: Iritzi publikoaren izar anonimoak .
Sabino Arana kontuko kideekin elkarrizketa: "Zuzentasun politikoan gehiegi sinesten ez dudala agerikoa da" | news |
argia-ade43d1b9d91 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/geuk-eta-ekki.html | Kulturaren ekosistema berrasmatzeko haziak | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-02-22 | Kulturaren ekosistema berrasmatzeko haziak
Zerbait mugitzen ari da. Iaz plazara irten ziren bi egitasmok –sortzaile ugari batu dituen GEUK plataforma eta egile eskubideak kudeatuko dituen EKKI agentzia– urrats berriak iragarri dituzte otsailean. Agenda diferenteak dauzkate, kezkak berriz, antzekoak: nola birformulatu sektore kulturala Euskal Herrian.
"Premiazko neurriak", horixe hartzeko eskatu zuen Guk gEUre Kulturaz (GEUK) plataformak joan den astelehenean; "kulturaren ekosistemaren endekatze progresiboari" aurre egiteko beharrezko erabakiak. Aste berean biltzekoa zen kultur eragile publiko eta pribatuak elkartzen dituen Kulturaren Euskal Kontseilua eta programa konkretu bat aurkitu zuen mahai gainean. Esparru ugaritako sortzaile, antolatzaile, hedabide eta hezitzaileek proposatutakoa, GEUKek bildua: 300 lagun baino gehiagoren ekarpenak.
Zabala eta aldi berean zehatza da otsailaren 9an Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuten Premiazko Neurrien Egitasmoa, 31 erabaki proposatzen ditu hainbat esparrutan –alor ekonomikoa, juridikoa, ikusgarritasuna…– eta zortzi helburu nagusi finkatzen, sakabanatuta dagoen sektorea artikulatzetik, kulturgintzarekin lotutako enplegua sustatzeraino. Legedian aldaketak eskatzen dituzte xede horietako batzuek –adibidez, bertako hedabideek bertako kulturari buruz informatzeko kuotak ezartzea–, eta aurrekontuak edo kultur politikak diseinatzean "ardura partekatutik abiatutako elkarlanak" indarrean jartzea ere agertzen da zerrendan.
Eztabaidarako dokumentua izan nahi du, kulturgintzan eragina duten agente guztien artean bide amankomunak bilatzeko.
Sektore bat martxan
5.000 enpresa, 20.000 langile, 10.000 elkarte eta 30.000 boluntario baino gehiagok osatzen dute kulturaren ekosistema Euskal Herrian, GEUKek emandako datuen arabera. 2014an Durangon egindako bi saiorekin hasi zen ibiltzen plataforma, sektoreko partaideek elkar ezagutzea eta batera lan egitea sustatzeko.
Kulturaren Euskal Kontseiluari zuzendu zaio otsailean, baina organo horretaz gain, EAEko Legebiltzarrean, bestelako administrazio publikoetan eta alderdi politikoen artean ere zabaldu nahi dute dokumentua. Baita herritarren artean ere, noski, kultur politikei buruzko elkarrizketa publikoa bultzatze aldera. Kezka badago eta, aspaldiko partez, askoren artean partekatu da.
Egile eskubideen euskal agentzia otsailaren 26tik aurrera
Euskal Kulturgileen Elkargoa (EKKI) ezaguna egiten ez bazaizu, lasai, hemendik aurrera izango baituzu haren berri. EAEko buletin ofizialean 2014ko urriaren 21ean argitaratu zenez, Eusko Jaurlaritzak baimena eman dio nagusiki Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako egile eskubideak kudeatuko dituen erakundea izateko. Otsailaren 26an aurkeztuko dute jendaurrean, Bilboko San Inazio auzoan dagoen Euskararen Etxean.
"Nagusiki" EAErentzat sortu den arren –halaxe publikatu da buletinean–, eta Espainiako Estatuari dagokion arren horrek zer esan nahi duen definitzea, Igor Estankona idazle eta EKKIko kideak urrian bertan azaldu zuenez, agentziaren bokazioa "euskararen lurralde osorako" baliagarri izatea da. Alegia, sortzaile lapurtar, baxenabartar, zuberotar eta nafarrek ere izena eman ahalko dutela EKKIn.
Bost dira elkartearen bazkide sortzaileak: Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Editoreen Elkartea, Musikari (Euskal Herriko Musikarien elkartea), Euskal Herriko Bertsozale Elkartea eta Irudika Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala. Horiez gain, hainbat norbanako ere bazkidetu dira jada, beren obra bat, beste gestio-entitateren baten esku ez zegoena, EKKIra ekarriz.
Nola antolatuko den? "Hurbilekoa" eta "gardena" hitzak nabarmendu gura izan dituzte orain arte EKKIri buruz hitz egitean, seguruenik Espainiako eta Frantziako Estatuko egile eskubideak kudeatzen dituzten erakundeen –SGAE, SACEM...– funtzionatzeko modu opakua auzitan dagoelako herritar askoren eta kulturgile ez gutxirentzat. Ez da erraza izango, baina bestelako ereduren batekin asmatzea da kontua. EKKIren kasuan, batzar nagusia izango da erakundearen norabidea definituko duena. Momentuz, bazkide sortzaileak daude ordezkatuta eta izena ematen duten guztiek izango dute aukera parte hartzeko: bazkide bat, boto bat.
Ekimen diferenteak dira, kezka batzuk, sektore berean lan egite hutsagatik, antzekoak izango diren arren. Sortuko ote da bien arteko zubirik? Zerbait aldatzeko bidean ote da? Bi egitasmook forma hartzen hasi den urte kulturalean zeresana emateko moduko pisua badaukate behintzat. | news |
argia-c0fbe45397fa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/troll-politikoak.html | Iritzi publikoaren izar anonimoak | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-02-22 | Iritzi publikoaren izar anonimoak
Inork ez ditu ezagutzen eta halere, famatuak dira. Benetako izen-abizenak dituzten profil publiko askok baino jarraitzaile gehiago dituzte. Zirikatzaileak, sarkastikoak, gupidagabeak: trollak dira. Interneteko fenomeno marjinala ziren, anonimotasuna asmo suntsitzailez erabiltzen zuten pertsonaia gogaikarriak. Baina sare sozialen erabilera zabaltzearekin batera, maskara digitala asmo eraldatzailez erabiltzen duen belaunaldi berri batek protagonismoa hartu du. Troll politikoen fenomenoa aztertzera gonbidatu nahi zaituztegu hilabete honetan. Iritzi publikoan eragingo duen fenomeno berri baten aurrean ote gaude?
Atzamarra zure begian sartzea beste zereginik ez duen tximinoa bezain gorrotagarriak izan daitezke: noizbait haietako batekin eztabaidatzeko "zortea" izan baduzu konturatuko zinen. Foroetan eta sare sozialetan elkarrizketak lehertzeko asmo hutsez jarduten dutenei deitu izan zaie troll historikoki. Anonimotasuna baliatzen dute eta gainontzeko erabiltzaileen artean ohiko parametroen arabera gertatzen ari den elkarrizketa hankaz gora jartzea dute helburu. Tematuko dira erabili dituzun argudioen zatirik ahulenekin, kontraesanak bilatuko dizkizute, gaur mahai gaineratu duzun ideiarekin bat egiten ez duen zure iruzkin zahar bat bilatu eta harekin egingo dizute eraso eta, nazkatu eta haiei ez erantzutea erabaki duzunean ere, ez pentsa isilik geratuko direnik. "Eztabaida saihesten ari zara", "ez al daukazu ezer esateko egin dizudan azken galderaz?", "kaixoooo, hor al zaude oraindik? Zerbait galdetu dizut eta ez didazu erantzun".
Sistema eragileak kutsatzen dituzten birusen moduan funtzionatzen dute troll klasikoek pertsonen arteko harreman digitaletan: kolokan jartzen dute ordena, beren legeak ezartzen saiatzen dira, aurreikusten zailak diren eztabaida-mekanismoak erabiltzen dituzte. Urtetan fenomeno marjinala izan dena, Interneten ordu asko pasatzen zituztenen artean aipatzen zen zerbait, bestelako dimentsioa hartu du Internet uneoro eskura daukagun tresna izatera pasa den honetan. Eta trollak ere askoz urrunago iritsi dira.
Goazen iazko udazkenera. Suedian gaude, Stockholm kanpoaldeko auzo batean. Robert Aschberg kazetaria hizketan ari da beisboleko txapela zikin xamar bat jantzita daukan 30 urte inguruko tipo batekin. Mutil argal eta lasaia, inolako arriskurik inspiratzen ez duena. Aschbergek zuzentzen duen Troll ehiztaria telebista saioko ikertzaileek badakite ordea, galdera deserosoei erantzun beharrarekin urduri jartzen hasia den pertsona hori espezierik txarreneko troll bat dela. Eskumotz jaio zen neska gazte bat obsesiboki jazarri zuen Instagramen eta Facebooken, etengabe bere gorputz-atalari buruzko irainak idatziz. Eta ez zen asteburu bateko kontua izan, hilabeteak pasa zituen geroz eta mezu itsusiagoak bidaltzen. Baina orain, telebistako ekipoak ehizatu duenean, dena ukatu du. 10 minutuz aritu da Aschberg galdera-erantzunekin aitortza lortu nahian, baina emaitzarik ez.
Troll ehiztaria telebista programa suediarrak sareko erabiltzaile anonimoak identifikatu eta etxeko atariraino eramaten dizkie kamerak.
"Gezurti patologikoa da", esan du kazetariak kamerak itzali eta autoan igo direnean, MIT Technology Review aldizkarian jaso dutenez . Programaren helburua ez da troll guztiei banan-banan maskara kentzea, sareko "gorrotoa" zenbaterainoko problema izan daitekeen erakustea baizik. Anonimotasuna baliatuz klasekideen kontrako gezurrak argitaratzen dituzten nerabeak, ordu libreetan webgune arrazista bat kudeatzen duen politikari profesionala, Zuzenbide ikasle bat, emakume baten sareko profila erabiliz gizon bat bikote harreman batean endredatu nahi duena… Mota askotako troll kasuak pilatzen dira telebista saioaren karpetetan. Eta mundu osoko hedabideetan bihurtu da hizketarako gai, fenomenoa –eta telebista saioa bera– interesa sortzen ari den seinale.
Troll guztiak dira gaiztoak (baina gaizto guztiak ez dira berdinak)
Troll txintxorik ezagutzen du inork? Guk ez. Interneteko pertsonaia hauen ezaugarri nagusia beraien izaera disruptiboa da. Bestela esateko, ganberrismoaren marratik harago daude troll hitzarekin definitu ditzakegun praktika gehienak. Baina horrek ez du esan nahi orain arte aipatutako kasuak direnik trollek esfera publikoan parte hartzeko izan ditzaketen modu bakarrak. "Troll politikoak" titulua jarri diogu Larrun honi, izan ere, azkenaldian indarra hartzen ari dira programa politiko eraldatzaileek begi hobez ikusiko dituzten trollak. Bizpahiru ezagutu nahi?
Bangladesh, 2013. urtea. Ehungintzan lan egiten zuten 1.000 lagun baino gehiago hil dira Dacca hiritik gertu dagoen fabrikan gertatutako istripuan. Herrialdeak inoiz ezagutu duen tragedia industrial handienetakoak agerian utzi du zein baldintza txarretan lan egiten duten Europar Batasuneko marka handien beharginek. Esklaboen pare, ia.
Marka horietako bat Espainiako El Corte Inglés da eta, gertakariek eragin duten eztabaidaren erdian, Twitter kontu bat agertu da, enpresa espainiarraren profil ofizialaren itxura berdin-berdinekoa. "Ya es primavera en Bangladesh" (Udaberria da Bangladeshen) idatzi dute, saltoki handiaren eslogana ( "Ya es primavera en el Corte Inglés" , alegia, "udaberria da Corte Inglésen") moldatuz. Sare sozialaren arduradunek kontua ezabatu baino lehen, beste zenbait mezu ere jaurtiko ditu txiosferara, besteak beste: "Preziorik onenak, kosta ahala kosta" eta "erabat penagarriak diren arren, 1.000 hildakok ezin dute hondatu milioika bezero zoriontsuren poza". Komunikazio anti-korporatiboa egiten duten trollak? Bai, gertatzen ari da.
Eta egunero gertatzen dira oso ezagunak diren politikariak, enpresariak eta… beno, jainkoa bera ordezkatzen dituzten troll kontuak ere. Batzuk parodia nabarmenak dira, haien jarraitzaileek imitazio umoretsu batek eskain dezakeena bilatzen dute –tira, hori uste dugu: Kristoren odol gehiegi edanda baten bat akaso iritsiko zen pentsatzera jainko kristauaren rola jokatzen duten Twitter kontuak benetakoak direla–, baina beste batzuk lortu dute benetako pertsona ordezkatzea, informatiboetako lehengai bihurtzeraino.
PSOEko Elena Valencianori gertatu zitzaion: 2012an, Kataluniako prozesu independentistaren eraginez bere alderdian federatuta dagoen PSC erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera agertzen hasi zenean, Valencianoren erabiltzaile-izen bera zeukan kontu bat mezu bitxiak idazten hasi zen. Tonua alderdi handi bateko lehen lerroan dagoen pertsona batena zen, eta edukia… "Argi utzi nahi dut nire erabateko errespetua PSCk hartzen dituen erabakiekin. Hartu duen deriba nazionalistarekin bakarrik nago desados".
Irakurri esaldia berriz: ez al da nahiko sinesgarria? Profil publikoak ordezkatzea ez da hain konplikatua gaur egun eta, kargu garrantzitsuak dauzkaten pertsonen sareetako mezuek hartu duten dimentsio informatiboa kontuan izanda, oposizio politiko trollaren ateak parez pare zabalik daude.
Nola funtzionatzen dute trollek?
Bolada batez zarata egin ondoren desagertzen diren animaliak baino gehiago dira: anonimoak izan arren milaka jarraitzaile dituzten kontu ugari ari dira eguneroko albisteei buruzko iritzi, nola esan, diferenteak ematen. Maiz haien umorea aipatzen da, egunero janzten duten sarkasmo-trajea; baita diskurtso ofizialak barregarri uzteko konparazio exageratuak erabiltzeko joera ere.
Identitate digitalaren erabilera ezohikoak egiten ditu gainontzekoen aldean desberdin. Kontzeptu horretaz ari garenean, hitz egiten dugu teknologia digitala erabiliz gure buruaz egiten dugun errepresentazioaz. Facebooken, Twitterren edo bihar goizean asmatuko den sare sozialean gure xedea, itxuraz behintzat, komunikatzea da: zerbait esan nahi diogu gure zirkuluan dagoen jendeari.
Baina mezu horiek metatuz identitate digitala sortzen da, nahiko koherentea izan daitekeen gure buruari buruzko diskurtso bat. Sareetan modu batekoak gara: idazkera jakin bat daukagu, erreferentzia sorta bat erabiltzen dugu, lagun batzuk, harremanetan jartzeko estilo bat... Gure izateko moduaren errepresentazio bat eraikitzen dugu. Bizitzaren beste esparruetan ere errepresentazioaren kontu hau ez da gauza berria –berdin hitz egiten al duzue lagunekin eta poliziarekin?–, baina identitate pertsonalek mugak dauzkaten lekuetan, digitalek VIP pase batekin egin dezakete aurrera, sareetan zure benetako izena ematea ez baita derrigorrezkoa –trafiko isunak ordaintzerakoan berriz, snif, bai–. Pertsonaia bat zerotik asmatzeko aukera baliatzen dute trollek sare sozialetan. Eta hezur haragizko pertsonek ez bezala, kritikarako askatasun handiagoa dute, fikziozko pertsonaiek ez baitute kontuak ematen ibili beharrik.
Anonimo izate hutsagatik troll ote zaren? Tira, gure asmoa ez da fenomenoaren definizio zurrunik ematea, beraz, auskalo. Ausartuko gara esatera, dena den, badela beste ezaugarri bat troll politikoen jardunean maiz agertzen dena eta esparru politikoan eragiten dutenen kasuan oso eraginkorra dena: détournement delakoaz ari gara –"hizkuntzaren desbideratzea" nolabait–, Internazional Situazionistako kideek proposatutako teknika.
Guy Debord, Internazional Situazionistako ideologo nagusienetako bat. Troll digital batzuek bere egin dituzte situazionisten zenbait kontzeptu, hizkera modu subertsiboan desbideratzea xede.
1950eko hamarkadan sortua, mugimendu situazionistak eragin handia izan zuen 1968ko maiatzeko gertakarietan. Giro iraultzaile hartako esaldi famatu asko ezin dira ulertu détournement ak zertan datzan konprenitu gabe. Ea esplika dezakegun: indarrean dagoen sistemari aurre egiteko, ohiko mezu militanteak erabili beharrean, diskurtso nagusiaren testuaz birjabetzea proposatu zuten situazionistek, jatorrizko esanahia eraldatuz. Utikan kausa baten alde dauden testuak, testua bera da kausa; mundu guztiak ezagutzen dituen esaldi, eslogan eta mantren itxura-aldatzeek bat-bateko eragina lortzen dute.
Adibide praktiko batekin esplikatzen badugu hobe agian, ezta? Demagun banku batek bere kanpainako eslogan gisa honako esaldia erabiltzen duela: "Zure bankua gara. Eta geroz eta jende gehiagorena". Finantza erakunde hori kritikatu nahi duenak mila arrazoi jarri ditzake mahai gainean, baina lubakien gerra batean ariko da ur pistola batekin.
Zergatik ez erabili publizitate eslogana bera salaketa tresna gisa? Etxetik bota dutelako kaleko banku batean lo egin behar duen norbaiten argazkiarekin batera sarean partekatuz gero, mezu berdina goitik behera aldatzen da. "Banku" hitzaren esanahiarekin jolaste hutsa aski da gauzak ezin garbiago ulertarazteko: zure bankua kaleko hori da, bizimodu horretara kondenatu nahi zaitu banketxe honek, eta abar.
Eguneroko zarata mediatikoari aurre egiteko teknika erraz eta baliagarria delako, troll politiko askok erabiltzen dute birjabetze hori. Lerro hauek idatzi bitartean ikusitako bi adibide: "Falciani zerrenda" argitaratu da, zergak ez pagatzeko mundu guztiko aberatsek dirua Suitzara nola eramaten duten erakusten du. "Norbaitek bere dirua Suitzan ez edukitzea ETA da" txiokatu du @masaenfurecida-k, Espainiako establishment aren diskurtsoa bihurritzen duen trollak, gertatzen den guztia ETArekin estaltzeko alderdi politiko espainiarrek daukaten joera mezu labur bakarrean hankaz gora jarriz.
Charlie Hebdo ren aurkako atentatuen ostean, ekintza terroristetan inplikatutakoek nazionalitate frantziarra gal dezaketela? "DEIALDIA: Ekintza terrorista bat egin nahi duzu baina iritziz aldatu duzu nazionalitatea galtzeko beldurrez? Deituiguzu", idatzi du @humourdedroite-k, Frantziako eskuinaz trufatzen den troll ezagunak, kartel publizitarioetako hizkera imitatzen duen estiloan.
Bai, baliteke txisteak besterik ez izatea. Baina txisteek ere karga ideologikoa daukate eta, eguneroko albiste kontsumitzaileak bere sareetan ikusi ditugunak bezalakoak ikusten baldin baditu, eraginen bat izan dezakete.
Gure baserriko produktuak: zertan dira euskal trollak?
Ez baikara mundutik aparte bizi, Euskal Herrian ere troll kontu hauek izan dute agerpen ikusgarririk. Ondorengo orrialdeetan gurekin hitz egin duten @diariofatxo eta @aranagoiri Twitter profilak dira ezagunenak. El Diario Vasco ren ildo editoriala egunero auzitan jartzen duen egunkari-parodia lehenbizikoa, EAJren fundatzailea gaur egungo gaiei buruz hizketan jartzen duena bigarrena.
Baina hizkuntzaren gaiak kezkatzen gaitu: bi troll horiek, eta Euskal Herriko gaiei buruz diharduten beste hainbat, erdaraz ari dira nagusiki. Euskaraz egindako saiakera batzuek lortu zuten publikotxoa, @Euskaltroll izenekoak adibidez, baina azkenaldian ez dago oso aktibo.
Artikulu hau idazteko landa-lan gisa, kazetariak zenbait trolleatze saiakera egin ditu, bai bere kontu pertsonala baliatuz –politikariren bat eztabaida gogaikarri samar batera behartzea lortu zuen, baina ez zen askoz urrunago iritsi–, baita anonimoki ere: hedabide euskaldun digital batean utzitako iruzkin bakarrarekin jabetu zen zein erraza den izenik eman nahi ez duen erabiltzaileari maskara kentzea euskaraz arituz gero. Komunitate txikiegia ote gara mota honetako praktikek arrakasta izan dezaten? Denok gutxi gorabehera elkar ezagutzen dugun herrian, izen-abizenez trolleatzea ote da aukera bakarra? Erantzunak ez dabiltza haizean, Dylanek kantatuko lukeenez, eguneroko testu jario digitalean baizik.
Informazio gehiago:
Sabino Arana kontuko kideekin elkarrizketa: "Zuzentasun politikoan gehiegi sinesten ez dudala agerikoa da"
Diario Fatxo ekimeneko kideekin elkarrizketa: "Jende batek Diario Vasco irakurtzeari utzi eta gu jarraitzen gaitu orain" | news |
argia-676b9c1c02ce | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/giro-nahasian.html | Giro nahasian | Jakes Bortairu | 2015-02-22 | Giro nahasian
Martxoaren 22an eta 29an Departamenduetarako hauteskundeak giro nahasian iraganen dira Frantziako Estatuan. Ontsalaz, iaz egin behar ziren hauteskunde horiek 2015eko abendura gibelatuak izan ziren. Ekainera aurreratzea aipatu ondoren duela zenbait hilabete martxoan antolatzea deliberatu zuten. Izena aldatzeaz gain, departamentalak kantonamendukoen ordez, hauteskunde-barrutiak arrunt aldatu dira, baita moldea ere: orain bikote bat eta bi ordezko hautatu behar, lehen hautagaia bere ordezkoarekin.
Baina gutxienekoa da hori guztia. 2010etik hona kolore desberdinetako gobernuek bultzaturik, aldaketa prozesu kaotikoan sartuak dira Frantziako instituzioak. Departamendua bera kolokan dago eta martxoaren hondarrean hautatuko diren asanbladak 2020an desagertu beharko lirateke, denetan ez bada, lurralde askotan bederen. Are gehiago, hauteskundeetarako hilabete eta erdi eskas falta delarik, nehork ezin du erran bihar etzi zein izanen diren departamenduko eskumenak. Izan ere, frantses parlamentua erregioaren eta departamenduaren arteko konpetentzia banaketa berria eztabaidatzen ari da momentu honetan. Gobernuak Erregioak indartu nahi ditu, baina sozialisten artean ere erresistentziak azkarrak dira eta jadanik zenbait puntutan amore eman behar izan du. Nahaste-borraste horrek zein puntutaraino abstentzioa eraginen duen erratea zaila bada ere, azken hauteskundeetan bezala eskuin muturreko Fronte Nazionalaren (FN) gorakada iragartzen dute askok. Panorama horren puntu baikor bakarra da lehen aldikoz, borondate onez ez bada, legeak beharturik, gizon jaunttoen gotorlekuak ziren departamenduetako asanbladetan genero parekotasuna lortuko dela.
Ipar Euskal Herrian erronka berezia dugu ondoko hilabete eta urteetan. Lurralde Kolektibitatearen aldarrikapenari uko egin ondoren, Frantziako Gobernuak herrien arteko elkargoaren aukera proposatu du. Urtearen bukaeran herriko kontseilu guziek horri buruz bozkatu beharko dute. Azken urteetako lege berriek erregio eta departamenduetatik herri elkargoetara konpetentzien delegazio edota transferentzia baimentzen dute. Horregatik, EH Baiko hautagaiek Iparraldeko instituzioaren definizioa dute ezarriko beren kanpainaren muinean. Batera plataformak berriz, galdera zehatzak eginen dizkie hautagai guztiei eta bereziki, hautatuak izatekotan departamenduaren konpetentzien transferentzia lagunduko duten ala Pauen atxikiko dituzten jakiteko. | news |
argia-b6956adb8acf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/badator-podemos.html | Badator Podemos | Xabier Letona | 2015-02-22 | Badator Podemos
Aldaketa esan nahi du Nafarroan Laura Perez Podemos-Ahal Duguko primarioetan idazkari nagusi hautatu izanak. Behintzat bere hautagaitzak orain arte horren argi adierazi duena betetzen bada. Eta maiatzeko hauteskundeetan Podemosek inkestek iragartzen dizkioten emaitza onak lortzen baditu. Eta gai baldin bada gainera datorkion erauntsi mediatikoari aurre egiteko. Eta Estatuko Podemosek uzten badio. Eta herritarrak, soziologiak dioen gisan, orain arte agindu dutenekiko egiazki hain suminduta baldin badira. Eta UPN, PSN eta PPNk 26 parlamentario ateratzen ez badituzte. Eta…
Aldaketatik urruti dagoela oraindik Nafarroa, baina azken 30 urteotan inoiz baino gertuago ere bai, indar abertzale eta Nafarroako ezker federalistaren aliantzak azkenean emankorrak badira bederen. 1995ean PSNk, CDNk eta EAk hiruko Gobernua osatu zuten, baina Otano auziak hankaz gora bota zuen 1996an. 2007ko udan Nafarroa Bai eta PSNk gobernurako akordioa egina zuten, baina oraingoan PSOEk hondoratu zuen aldaketa Ferrazetik. Maiatzera begira, aurreko garaiekiko desberdintasunik handiena da aldaketa posible dela PSNrik gabe ere. Duela bizpahiru urte sinesgaitza litzatekeena gaur egun kontuan hartzeko hipotesia da. Gaitza baina posible.
Nafarroan 2.854 pertsonek parte hartu dute Podemosen primarioetan, inondik inora txantxetakoa ez den pertsona kopurua. Nafarroako populazioaren hirukoitza baino gehiago izanda, EAEko Podemoseko primarioetan parte hartutako (3.142 lagun) ia kopuru berdintsua, eta azken hau ere ez da batere txantxetakoa. Pentsa liteke, beraz, Nafarroan errotuago dagoela Podemos EAEn baino edo baldintzak bereziagoak direla herritarrak primario batzuetan bozka ematera animatzeko. Eta badira, bai, bereziagoak eta desberdinak, besteak beste aldaketarekiko grina hor dagoelako nafar gizarteko sektore zabal batean.
Podemoseko primarioetan bozkatzeko moldeak piztu dezake zalantzarik, edozein herritarrek parte har dezakeelako oso modu samurrean: Internetez Podemosen izena eman –NANa edo pasaporte zenbakiarekin batera– eta listo. Podemosekoak izan gabe Laura Perezen alde botoa emandakoei buruzko zurrumurruak ez dira gutxi izan. Gerta liteke hautagaitza bat edo bestearen alde. Baina hala ere, ez da erraza ia 3.000 pertsonek bozka ematea, esan nahi du gizartean burrunba izan dela primarioen inguruan, hautagaitzei buruz zerbait ezagutzen dela, Podemosetik haragoko interesa piztu dela, eta hori bera ere bada esanguratsua. Sare sozialetan behintzat Podemosen primarioak oso presente izan dira Nafarroako hainbat gizarte sektoretan, eskuin nabarrismotik eta ezker abertzaleraino. Oraingoan ere Nafarroan izan dira parte-hartzearen faktore pizgarri horiek eta boto kopuruetan ere islatu da.
EAEn espero zen hautagaitzak irabazi du, Roberto Uriarte bermeotarraren Euskal Hiriak. Bide batez datu azpimarragarria: hautagaitza nagusienak behatuta behintzat, bere profilaren aurkezpena zen euskaraz eta gaztelaniaz agertzen zen bakarra. Hautagaitzako orrialdea ere helebiduna, baina primarioetako programa politikoa dena erdaraz, hautagaitza denetan bezala, EAEkoak edo Nafarroakoak izan.
Europako hauteskundeetarako iazko datuen emaitzak ikusita Podemos batez ere estatuko fenomeno gisa irudikatu zen, nahiz eta Euskal Herrian ere emaitza indartsua izan zuten. Nafarroan nabarrometroa ren emaitzak puztuak zirela esatean kontsentsu zabala egon zen –lehen indarra ematen zion–, baina joera hor dagoela argi da. EAEri begira, azken inkestetako (Eusko Barometroa, Vocento, Gara ...) joerak lehen postuetara eramaten dute EAEn ere, Vocentoko egunkarienak Araban nagusitasuna emateraino, eta denetan lehen hiru postuetan jarriz. Hemen berdintsu, alderdiek ezin sinetsi, baina gerta litekeenaz beldur. PSEri eta Ezker Batuari eragingo lieke batez ere, baina baita Bilduri ere. Bildurekiko, aldiz, erabakigarria izan liteke Podemosek emaitza onak izatea, Euskal Hiriaren programa politikoa gauzatzen bada, aliatu garrantzitsua izan dezakeelako, EAJ, PSN eta PP moduko sistema alderdien aurrean. Gipuzkoan EH Bilduk Diputazioa eta Donostiako Udala salbatzeko adina? n | news |
argia-8a7c3f9e34bb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/hegorik-gabeko-amodioa.html | Hegorik gabeko amodioa | Myriam Garzia | 2015-02-22 | Hegorik gabeko amodioa
Amodioaren Ziega - Antzerkia
Zer: Kultur Maratila egitaraua. Antzezlana: Amodioaren Ziega. Antzezleak: Nazaret Froufe, Eneko Sagardoy, Joana Ocaña eta Urki Muguruza. Zuzendaria: Ander Lipus. Testua: Xabier Mendiguren Elizegi. Non: Kultur Leioa. Noiz: Otsailak 27.
-------------------------------------------------------------------------------
Bi antzerki estrenaldi izango dira aurtengo Kultur Maratilan, tartean, Lauka Teatroa talde gaztearen eskutik taularatuko den Amodioaren Ziega. Ander Lipusek zuzendu ditu aktoreak eta Xabier Mendigurenek duela hamar urte idatzitako testua moldatu dute. "Poz handia izan da. Taula gainerako asmotan idatzia da, baina ez da erraza bide hori gauzatzea", esan digu Mendigurenek.
Antzezlanak preso baten eta bere neskalagunaren arteko bis-a-bisa azaltzen du eta, lana orain dela 10 urte idatzia izan arren, "zoritxarrez, gaurkotasun erabatekoa du", Mendigurenen ustez. Amodioa ziegan gordetzen da, amodio baldintzatua da, hegorik gabekoa. Ez al dira denak halakoak? "Nire asmoan ez zegoen horrelako metaforarik egitea, kartzelako bis-a-bisetako bisita bat kontatzea baizik, eta harreman mota horri buruzko gogoeta batzuk egitea".
Durangoko Lauka taldea 2013an sortu zen baina ez kasualitatez. Artedramak Aulestin urtero egiten dituzten Euskal Antzerki Topaketetan ezagutu zuten elkar taldeko lau kideek. Bertan, Manex Fuchs antzerkigilearekin batera, laborategi batean bezala hasi ziren Mendigurenen testuarekin antzerki jolasak egiten. "Nahiko emaitza onarekin", azaldu digu Joana Ocañak antzezleak.
"Gauean, kafea hartzen, Manexek animatu gintuen taldea osatzera eta taularatzera". Lauka izenarekin euren lehendabiziko lana izan arren, Durangoko Karrika herri antzerki taldean aritutakoak dira, besteak beste.
Nola bizirauten du maitasunak lau hormen artean?
"Amodioaz hitz egiten dugu espazio itxi eta mugatu batean, baina era berean, maitasuna bezalako kontzeptu ireki baten bidez", dio Eneko Sagardoy antzezleak. Bi pertsonaia horiek egoera desberdina sufritzen dute. "Bi mutur horien arteko harremana lotzen saiatzen gara". Posible da ziega batean maitasuna sortzea? "Asfaltoan ere loreak hazi daitezke", erantzun du Sagardoyk. "Ziega horren mugak haustea pertsonaien esku dago, eguneroko bizitzan norberak hautsi behar dituen moduan. Barruan ala kanpoan egon, hormak apurtzearen borroka horretan dabiltza biak".
Dramaturgiarako bide berriak arakatzearen alde, Laukaren proposamen honetan bi bikotek gorpuztuko dute presoaren eta neskalagunaren arteko istorioa. "Bi bikoteek indartu egiten dute proposamen eszenikoa. Proposamen dramartugiko interesgarrira iritsi garela uste dut", diosku Ander Lipus zuzendariak. Amodioa gela itxi batean, denbora-tarte eta espazio jakin batean gertatzen den maitasuna: "Horrek egoera teatralizatzen du".
"Euskal Herrian dagoen benetako errealitate batetik abiatzen gara", jarraitu du zuzendariak. Nazaret Froufek antzezleak dioenez, "testuak hainbat egoeratara eramango gaitu, baina bi pertsonaiak egunerokotasun horretan bizi dira, euren arteko elkarrizketak arruntak dira askotan".
"Pribatua dena publiko bihurtzen dugu. Egoera hori ikustarazten dugu, krudeltasun guztiarekin", dio Ocañak. Eta Sagardoyk zera gehitu du: "Halako egoera batean, maitasuna nondik irteten den erakutsi nahi dugu, non topatzen duen lekua bizirauteko. Itzalak eta argiak erakutsiko ditugu". | news |
argia-b738eeb1db89 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/mausar-mausaria.html | Mausar mausaria | Jakoba Errekondo | 2015-02-22 | Mausar mausaria
Erreka, ibai eta errio aldamenetako erribera lurrak dira Euskal Herri atlantikoko nekazarien ametsetako paradisua. Lur onenak hortxe bildu dira, urak ekarrita milioika urtean; ez kristorik ezta jainkoaren asmakizuna sortu zuen jenderik existitzen ez zen garaietan hasitako lanak.
Lur sakonak izan ohi dira, beltzak, harroak, aberatsak eta etengabe bertatik bertara ura dutenak. Lantzeko errazak, ia isuririk gabekoak. Pagotxa Lurra landu eta ematen duen mozkinetik bizi nahi duenarentzat. Harroak, hondar eta mausar asko izaten dutelako. Mausar hori arroaren goiko aldetik uholdeek ekarria izaten da, eta lur onenak, aberatsenak dira. Mendi guztietako lanen emaitza onena erribera horietan pilatzen da. Etorri beharko landareak! Baina, geurean esaten den bezala, "horrek ere ipurdian zuloa". Dena ez da ona. Mausarra mausaria da. Landareen arerioentzat ere mauka.
Batetik, klima. Sail horiek bailaretako beheko barrenetan izaten dira. Horrek arazoak dakartza. Hotzak behera egiten duela badakigu; beraz, izotzaldi bat datorrenean, lehenengo eta gehien hoztuko diren sailak horiek dira. Hezetasuna ere kaltegarri izan daiteke. Ura ondoan duten sail horietan hezetasuna handiagoa izango da.
Bestetik, gaitzak. Geurean gaitz gehienak onddoek sortzen dituzte. Onddoek, garatzeko, hezetasuna behar dute. Onddo gehiago, gaitzak heda eta heda. Horri bailara zuloetan aireak gutxiago korritzen duela eransten badiogu, hezetasun hori ez da mugituko. Heda eta heda. Erribera horietako batean tomatea ( Lycopersicon esculentum ) gorrinak jo eta erre egina egonagatik, aldean dagoen tontortxo batean, 50 metro garaiago, airea oztoporik gabe dantzatzen den tokian, tomate landareak mastra mardularekin bizi-bizi egon daitezke.
Eta, errematerako, izurriteak. Lur gozoak, oparoak; soro eta baratze ugari. Sail gehienetan, landare berak: sagastiak, arta-babarrun-kuia soroak... Landare horiek janez bizi diren intsektuentzat, horientzat bai pagotxa. n | news |
argia-2bf688829124 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/greziarren-patua.html | Greziarren patua | Baleren Bakaikoa Azurmendi | 2015-02-22 | Greziarren patua
Greziako Gobernu berria bere inguru guztikoak harritzen eta asaldatzen ari da. Ez dago agintari politikorik, modu batera edo bestera, SyrizakoGobernuari begiratzen ez dionik. Bien bitartean, hiritar ugari oso pozik gaude, behingoz bederen, hauteskunde kanpainan esan zena betetzen ari delako. Baina, zer dela eta horrelako harridura?
Azken urteetan Grezian, Espainiako Estatuan, Portugalen eta Irlandan ematen ari den egoera larria areagotu egin da. Izan ere, 2008tik hona bere BPGaren %25, laurdena, murriztu da eta langabezia tasa %27ra inguratu. Ondorioz, txirotasuna familia askotara heldu da: gose, erregai eza, etxegabetze eta hainbat miseria gehiago. Beraz, egoera larrira eraman dute Europar Batasuneko neurri neoliberalek.
Egoera hori hobetze aldera, boterera heldu bezain pronto, greziarrei duintasun izpi bat emango dieten oinarrizko zazpi neurri hartu ditu gobernu berriak: 1) elektrizitate eta ur horniketarako enpresen, eta aireportuen eta itsas-portuen pribatizazioak gelditu; 2) kaleratutako enplegatu publikoak beren lanpostuetara itzultzea ahalbidetu, epaitegiek horrela ebatzi baldin badute; 3) pentsio apaleko erretiratuei Eguberrietako ordainsaria itzuli; 4) oinarrizko soldata duin bat ezarri; 5) Greziak pairatzen duen iruzur erraldoia jazartzeko urratsak onetsi; 6) aurrekontuko superabita murriztu, zor publikoa kitatzeko ordainketak arintzeko eta ordainketa hauek hazkundearen arabera finkatu, bestela ezin baita Greziako ekonomia hazi; eta 7) defizit publikoa ahal den heinean gutxitu.
Neurri horiek ikusita ez dirudi Greziako Gobernua oso urrutira joan denik eta ondo gauzatzen badira greziarren oinarrizko duintasuna berreskuratzeko balioko dute. Hau da, EBk promestu ziena kide izan aurretik, bere Tratatuek hori guztia hizki larriz jasotzen baitute. Halaber, neurri horiek edozein herrialdetako konstituzioak jasotzen duena bete besterik ez du egiten: interes orokorrak partikularren gainetik ipini, hots, Alemania eta Frantziako bankuen gainetik.
Tamalez, ohituegi gaude hauteskundeetarako alderdiek aurkeztutako egitarauak nola saihesten dituzten ikustera, gobernura heltzerakoan. Berdin izan eskuineko alderdia, gurean PP, edo sasiezkerrekoa: PSOE edo PS. Baina hau ez da Syrizaren kasua.
Bestalde, neurri horiek aurrera eramateko lehen oztopoak izaten ari da Grezia, EBko diktaduraren pean baitago eta horrek nahiko lanabes baititu mendean hartzeko, hala nola delako Troika ospetsua, eta egoera hori jasan ezin dezaketen Espainia, Portugal eta Irlandako gobernu atzerakorrak, Alemania, Herbehere eta Finlandiako gobernuak ahazteke. Azkenean, Europako Banku Zentrala izan da soldata publikoak ordaintzeko dirua ukatu diona.
Greziari geratzen zaizkion balizko irteerak hauexek dira: Txinak zorra erostea; Errusiari jadanik dion zorraren ordainketa atzeratzea eta maileguren bat bideratzea, nahiz eta petrolioaren prezio apalak zaildu egiten duen bide hori; Alemaniari naziek Grezian burututako sarraskiengatik diru ordainak exigitzea; eta azkenik, gobernu bonoekin soldata publikoak ordaintzea, hartzekodunek onesten duten heinean. Baina hori burutzen badu, hanka bat EBtik kanpo luke.
Halaber, harrigarria da EBko Legebiltzarraren protagonismo eza, afera honetan demokratikoki hautatu ez diren erakundeak ari baitira erabaki mingarrienak hartzen. Beraz, EBk legitimitate izpirik eskuratu nahi badu, garaia da "beltzezko gizonen" ordez, Legebiltzarrari protagonismo aktiboa eskaintzea, itxura demokratikoa irabazi nahi badu bederen. | news |
argia-bd17adc1a4c6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/enpresen-laurdenak-ere-ez-du-betetzen-kontsumitzaileen-hizkuntza-eskubideen-dekretua.html | Enpresen laurdenak ere ez du betetzen kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen dekretua | Onintza Irureta Azkune | 2015-02-22 | Enpresen laurdenak ere ez du betetzen kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen dekretua
Eusko Jaurlaritzak 2008ko Kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko Dekretuaren betetze mailaz ikerketa egin berri du.
Hona emaitzetako batzuk:
- %44k ez du araudia ezagutzen.
- Enpresen %22k baino ez du betetzen dekretua.
Sektoreak dekretuaren betetze mailaren arabera:
- Finantza erakundeak, %50.
- Merkataritza-kate handiak, %35,3. - Garraioak, %25,5.
- Posta eta komunikazioa, %16,7.
- Energia, %7,1.
- Merkataritza oro har, % 6,3.
Merkatal guneak, % 3 eta hipermerkatu eta supermerkatuak, % 1.
- Etxebizitza, % 2,4.
Enpresen %70ak uste du euskararen erabilerak onurak dituela enpresarentzat. Aldiz, %25ak baino ez dauka euskara planen bat abian.
Enpresen %67arentzat euskara erabiltzeko oztoporik handiena langileak euskaldundu beharra da.
Enpresen %75ak ez dauka euskararen alde egiteko neurriak hartzeko asmorik.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, emaitzak ikusita, aitortu du bide luzea dagoela egiteko. Alabaina, ez dirudi abiada motela kezka iturri denik. Hala adierazi du berak: "Arauak egokiak eta eraginkorrak dira gure egoerarako, egungo errealitatearen aurretik daude, bide erakusle dira, eta progresibotasunaren printzipioa baliatzen dute".
Eusko Jaurlaritzak hizkuntza politika positiboak egitea hobesten du enpresak euskararen erabilerara gerturatzeko, eta uste du Administrazioa bera baino gizartea dela hizkuntza eskubideak betetzen direla ziurtatzeko modurik eraginkorrena. | news |
argia-cfe1385267cf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/100-nafar.html | %100 nafar | Bixente Serrano Izko | 2015-02-22 | %100 nafar
ADN politikara ekarria? Ahal Dugu indar politiko berrian, eraketa eta definizio prozesuan bete-betean dagoela, artikulu hau plazaratu orduko Nafarroako idazkari nagusia hautaturik izanen da. Oraingoz, hiru hautagaitzetako bat %100 ADN omen da: "Candidatura 100% ADN Podemos en Navarra" aurkeztu du bere grazia. Ezusteko gatzdun grazia, bai horixe, hitz joko elebiduna: "100 % A(hal)D(ugu)N(afarroan) Podemos en Navarra". Baina itsusia, itsusia denez, hitz jokoa, politikaren biologizatzailea. Ezin ahaztu garai latz haietaz, gizakiak-eta biologiaren arabera sailkatu zituzten mugimendu europar haietaz.
Hautagaitzaren izenak ez ezik, haren azalpen testuak ere ez du baztertzeko hitzik: "Oraingoa ez da unea, ez euskaldun, errioxar edo maño eginen ote garen eztabaidatzeko, ez jotak abestu edo Nafarroa osoan euskaraz egin behar ote dugun. Orain lehentasun gorenen alde apustu egin behar dugu. Lanaren alde borrokatu, osasun unibertsal eta doakoaren alde borrokatu behar, eta zerbitzu sozialen alde". Gaztelaniaz testua, eta bi eslogan elebidun gero, nafar guztiok integratzeko asmotakoak, baina hari material horiekin bakarrik jositako integrazioa.
Lehentasun gorenak biologiara mugaturik: lana, osasuna… Ongizate materialera. Primum vivere, deinde philosophare aforismo zaharraren irakurketarik murritzen eta biologiko hutsena, pertsonok bizitzeko prest egonen bagina bezala kezkarik gabe landare baten antza, nahirik gabe, geure buruaz hausnartzerik gabe, geure gustuetan hautatzerik gabe, solas egin, abestu, jolastu, maitatu gabe... Hori politikaren biologizatzea hori, azken beltzean!, %100 ADN izenaren itzalpean.
Ikusi behar indar politiko berria zer-nolako programak eta ideiak joanen den jorratzen, kasta (bertze kontzeptu biologizatzaile bat, ezta?), ustelkeria, ongizate materialeko murriztapenak… salatzeaz gain, estatu ereduaz, instituzioen berrantolamenduaz, justizia sistemaz, militarismoaz, errepresio indarrez eta jokamoldeez, hezkuntzaz, kulturaz, estatu barneko kontzientzia nazional ezberdinez, nafarron erabakimenaz…; bizitza materiala eta giza bizikidetza bermatzeko behar-beharrezkoak diren bertze kontuez zer eskaini eta zeinekin lan egiteko prest agertzen den.
Orain arte indar berri honetan ikusitakoa ikusirik, ni kezkatsu: prest antzeman Ahal izanen ote Dugu Nafarroan Podemos gaurko erregimen %100 navarrrrista aldatzeko? | news |
argia-3be1fe6613c5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/can-el-banquete-ren-egileak.html | "Arduradunek jakin dezatela haiengandik gertu gaudela" | Xabier Letona | 2015-02-22 | "Arduradunek jakin dezatela haiengandik gertu gaudela"
Kontuz elkartearen sostenguarekin, Alberto Gil, Aritz Intxusta eta Patxi Zamora kazetariak dira El Banquete liburu ezagunaren egileak. Nafarroako Legebiltzarra CANen desagerpena ikertzen hasi den honetan, merezi du galera itzel hori eta berau eragin zutenei buruz gehien dakitenekin hitz egitea. Askok ez diete barkatuko.
Izen kopuru itzela dago liburuan: Miguel Sanz, Yolanda Barcina, Enrique Goñi, Ricardo Martí-Fluxa, Aldo Olcese, Javier Taberna… Esan liteke Nafarroako oligarkia dela ustezko espoliazio hau gauzatzen duena?
Patxi Zamora. Talde heterogeneoa da eta ez dut uste Nafarroako oligarkia denik. Erantzule nagusiak dira azken 25 urteetan botere exekutiboan izan diren pertsonak, Miguel Sanz bera buruan. Estatuan botere faktikoen ordezkari gorenetakoak diren beste talde baten laguntza ere izan dute eta Nafarroako enpresa munduko talde bat ere hor egon da. UGTren eta CCOOren laguntza ere izan dute.
Alberto Gil. Erregimena da espoliazioaren erantzulea, bere zutabe politiko, ekonomiko eta mediatikoarekin. Liburuan aipatzen da, adibidez, Diario de Navarra -ri inon azaltzen ez den 16 milioi euroko mailegua eman zitzaiola. Ez da ahaztu behar Nafarroan zirkulazioan zegoen diruaren erdia baino gehiago mugitzen zuela CANek. Izen horiek guztiak patrikak ongi beteta atera dira.
Erantzule nagusienen podiuma osatu beharko bagenu, Sanz, Barcina eta Goñi leudeke hor puntan?
P.Z. Ez dakit, zaila da hori esatea. Sanz bai eta Jose Antonio Asiain ere bai. Yolanda Barcinak ez ditu operazioak zuzendu, baina bere erantzukizuna giltzarri da Kontrol Batzordeko lehendakaria delako eta guk irakurritako akta guztietan berak ez duelako tutik ere esaten hor gertatzen ari ziren gauza larriei buruz. 2006ra arte gauzak oso ondo joan ziren, baina hortik aurrera nola uler liteke ezer ez esatea? 2009an CANeko zuzendari ohi Lorenzo Riezuk zetorren hondamendiarekin ohartarazten zuen txostena pasa zien Barcina, Asiain eta beste batzuei, orain ere judizialki eta Legebiltzarrean eskatu den txostena, eta ez zuten ezer esan. Erantzukizunen rankingean jende asko dago. Non zen, esate batera, Nafarroako fiskaltza ikerketa horietan? Desagertua.
UGT eta CCOO ere aipatu dituzue. Zein da haien erantzukizuna?
A.G. Politikoki UPN, PSN, PPN eta CDN izan dira erregimenaren zutabe nagusiak eta sindikal mailan UGT eta CCOO.
P.Z. UGTk eta CCOOk beren jendea izan dute CANeko Administrazio Kontseiluan, zegozkien dietak kobratuz, eta inoiz ez dute txintik ere esan. CDNri buruzko kontu bitxi bat: Kontuzek urte hauetan guztietan Nafarroan izandako bost lehendakarietatik lau eraman ditu auzitegietara. Juan Cruz Alli bakarrik libratu da eta CANeko auzian bere erantzukizuna argia da, 300.000 euro eraman ditu dietetan, eta ezin esan berari buruz ekonomia gaietan gaitasunik ez duenik.
A. G. Areago, berak zuzendu zuen Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorraren sorrera bideratu zuen talde juridikoa, Sanz, Barcina, Maya eta Miranda kobratzen egon ziren black dietak .
Aritz Intxusta. Gure iturrietako batek zera kontatu zigun Juan Cruz Alliri buruz. Autoan zihoan berarekin eta CANeko egoitzatik pasatzean esan zion Allik, "inporta zaizu pixka bat itxarotea?". Igo zen eta 10 minutura jaitsi. "Zer ibili zara ba?", galdetu zion autoan geratu zenak. "Ezer ez, Administrazio Kontseilua nuen eta sinatzera igo naiz".
CANek gizartearentzat izan zezakeen baloreaz gain, kalkula liteke zenbat diru galdu zen 2002tik 2012ra? Zuek zalantzan jartzen duzue 1.300 milioi euro balio zuenik.
A.I. CANeko arduradunek esaten zuten 1.300 milioi balio zuela, baina gero zenbat balio zuen jakiteko Caixabankek egin zuen inspekzioan Banca Cívica osoak -97 eta -350 milio inguru artean balio zuela zehaztu zen, hori FROBetik 1.000 milio euro jaso ondoren. Gure aditu taldearen arabera, hala ere, oso zalantzagarria da CANek bere amaieran 1.300 milioiko balioa izatea. Banca Cívicaren fusioa egiteko interesatzen bide zitzaien CAN zena baino handiago irudikatzea.
P.Z. Kalkulagaitza da, garrantzitsuena delako Nafarroak CANen gisako finantza erakunde bat galdu duela eta horren zerbitzua itzela delako gizartearentzat, areago halako krisi garaietan. Baina liburuan azpimarratzen dugun gisan, ez da bakarrik jende honek CANen galera ekarri duela, berberek Nafarroa basamortu bihurtu dute hainbat belaunalditarako. Norbaitek eman beharko du guztiaren kontu, ezta?
A.G. Oro har, ez dakit, baina dirutzak galdu ziren adibide zehatzak badira: aurre-erretiroetan 400 bat milioi euro, bulego zabalkunde neurrigabean beste milioi asko… Washingtongo bulegoaren irekiera adibide itzela da: Goñik dio 1,5 milioi euro balio izan zuela eta Banca Cívicaren Administrazio Kontseiluak 20 milioi dolar balio izan zuela zioen; dirutza hori finantza jarduerarako AEBetako finantza agintaritzaren baimenik inoiz lortu ez zuen bulego baterako.
Liburuan diozue kontu ekonomikoez gain, honek guztiak oinarri politikoa duela: Euskal Herri usaina izan dezakeen edozeren aurka egitea.
A.G. CANen eraikuntzak badu zerikusirik horrekin, Nafarroak tresna ekonomiko hori izanda, uxatu nahi ziren balizko edozelako abentura subirano zaleak. CANen desagerpena, ordea, hainbat faktoreren ondorio da: finantza krisia, espoliazioa eta baita aipatu dugun faktore politikoarena ere.
P.Z. Baina faktore klabe bat bada: euskal usaina izan dezakeen edozerekiko muturreko gorrotoa. Mapari begiratuta, logikoena zatekeen EAEko aurrezki kutxaren batekin fusionatzea, baina ez, Kanariar Irletako batekin egin behar. Ez du zentzurik. Hondamendi honetan badira klabe ekonomikoak, baina nagusiki politikoak dira, eta arduradunak ere politikariak.
Zer balorazio egiten duzue Mari Paz Benitok egindako lanaz? Iritsi zitekeen urrutiago?
P.Z. Gure talde juridikoaren esanetan hilabeteetan ikerketa lan ona egin zuen. Gure ustez azkarregi aritu zen Yolanda Barcinaren aurka funtzionario-eroskeria salaketa egiterakoan, horrek auzia Madrilera bidean jarri zuelako. Pixka bat gehiago eutsi izan balio, kontu gehiago aterako zirela uste dut. Enpresa bat primeran doanean akaso ez dituzu behaketak egiten, gaizki egina hala ere; baina hainbeste gauza gertatzen ari zirenean, inork ez kontrolatzea hori, ez Espainiako Bankuak, ez Nafarroako Gobernuak, ulergaitza da. Horregatik, delituen berri ez emateagatik prebarikazioa leporatu nahi genion Barcinari, eta Madrilen Gorenaren esku geratzean ez zigun horretarako denborarik eman.
Zuen ustez, Benito epaileak zergatik eraman zuen Madrilera, presioengatik edo hemen ibilbide gehiago ez zuelako?
P. Z. Hau iritzi pertsonala da eta ez dugu frogarik, baina gure ustez epaileak presio itzelak jasan zituen. Adibidez, epaileak iraunkorreko dieta ospetsuen aktak eskatu zituen eta hauek oraindik iritsi gabe zirela bidali zuen auzia Madrilera.
Eta Auzitegi Gorenera iritsi zen. Zer pentsatu zenuten, hor amaitzen zela ibilbide judiziala edo Gorenak jarraituko zuela.
P.Z. Gure talde juridikoaren arabera, Benito epaileak egindako instrukzioarekin oso zaila zen Gorenak auzia artxibatzea. Ez dugu esaten di-da batean inputatu behar zuenik Barcina, baina bai behintzat gehiago ikertu. Baina ez, erabakia politikoa zen: aste batean artxibatu zituzten Jauma Matasena, Pepiño Blanco eta Barcinarena.
Gorenak Barcinarena atzera bota, baina Auzitegi Nazionalak jarraitzen du ikertzen Banca Cívicaren sorrera; eta Sanz eta Goñiren ondasunak.
P. Z. Ez hori bakarrik, gure salaketa guztia irekia dago eta Eloy Velascok jarraitzen du dena ikertzen.
Aipatzen duzue Gazteluko Plazako elkarte batean epaile, polizia, politikari eta fiskalen arteko bazkari bat. Nafarroan dena ondo lotua badago, ez ote da errazago Madrilen ikertzea?
A. G. Nafarroa Estatu arazoa da, gu oinarri horretatik abiatzen gara eta orduan hemen lotua badago, Madrilen gehiago. Ikerketa bat delitua gertatu den tokitik kentzea, ustez delitu horiek egin dituztenei presioa kentzea da. Prozesuaren ibilbidean ikus daiteke hori, ikerketa hemen eraman zen bitartean emaitzak izan ziren. Herritarren presioak ere markatu zuen hemengo egoera politikoa, eta auzia Madrilera eramatea, herritar horiei protagonismoa kentzea da; eta ez da ahaztu behar azken finean CANen desagerpena pairatu dutenak haiek direla. Horregatik, logikoena litzateke hemen gertatutakoen arduradunak hemen epaitzea.
A.I. Aipatu duzun bazkari horretan sukaldari lanetan ageri dena egun Nafarroako Auzitegi Goreneko lehendakaria da, Joaquín Galve.
Kontatzen duzuen guztia sinetsiko da ala ez, ikerketak jarraituko du aurrera ala ez, baina gauza bat argi dago, inork ez du oraindik aurkeztu zuen aurkako kereilarik.
P.Z. Liburua dela-eta mehatxuak izan dira, baina kereilarik ez. Bi kereila aurkeztu dira Kontuzen aurka: lehena [Jesús] Pegenauterena atera genuenean, eta berehala artxibatu zen; bigarrena, Barcina eta Navarra Building-ena fiskaltzara eraman genuenean, hau ere artxibatu zen, helegitea jarri zuten eta berriz artxibatu.
A.I. Gure salaketak Iruñean ikertu dira, hainbat urtetan Auzitegi Nazionalean ikertzen ari dira, esan da hango fiskaltza intoxikatu dugula… [barre egiten dute] Tira, argi dago salatu dugunak baduela zentzuren bat hainbeste denbora pasatzeko delitu diren ala ez ikertzen.
Liburuan anekdota asko kontatzen dituzue, niretzat hau deigarria izan zen: Miguel Sanz Benito epailearen aurrean ari zela deklaratzen eta laugarren orduan negarrez lehertu zela. Ez dizuete erraz barkatuko.
P.Z. Hori da gure beldurretakoa. Guk salatu ditugun kontu ugarik paradigma aldaketa ekarri dute Nafarroan. Duela bost urte Sanz, Goñi eta Barcina guztiz ahaltsuak ziren eta gaur egun hilotz politikoak izatera iragan dira. Ez digutela barkatuko? Bada ez, baina guk ere ez geniokeen barkatuko geure buruei hau ez kontatzea.
A.G. Ez digutela barkatuko? Hala espero dut, hartu zituzten erabaki guztien erantzukizuna ezagutu arte gu gara haiei barkatuko ez dieguna.
Ikerketan zehar jaso duzue mehatxurik, jarraipenik…
A.G. Hasieran bazekiten Patxi hor zebilela, bera zen gure gizon publikoa eta ikerketaren une batean esan zitzaigun Nafarroako Barne Sailean gure konexio informatikoak jarraitzeko agindua zegoela. Informazioa pasa zigunak uniformez egiten du lan ohikoan eta sinesgarritasun handia eman genion. Guk beti esaten dugu guri [Santiago] Cerverari egindakoa egin izan baligute, gu amuan eroriko ginatekeela, gu ikerketa kazetariak garelako. Bidali dizkigute ezkutuko mehatxuak eta gure mugikorrena zarata festa da.
Hala ere, bildu duzuen informazioa itzela da. Horrek esan nahi du jende askoren laguntza jaso duzuela, eta oso goi mailakoa gainera.
P. Z. Hori da klabea. Guztiz deskolokatu ditugu eta inoiz ez zuketen pentsatuko gu moduko lau txoriburuk hainbeste informazio izango genukeenik. Txikitu egin ditugu eta hori zen helburuetako bat, jakin dezaten gertu gaudela, otso ehiztariaren gisan. Ez duzue kontatzen? Bada, herritarrek jakin behar dutena guk topatuko dugu. Haiek badakite erregimenetik oso gertu dauden iturriak izan ditugula, eta oraindik baditugula. Jende asko dago nekatua gertatu denarekin, eta bada jende zintzoa ere, ikusi duena gertatutakoa guztiz onartezina dela. Erregimenaren zati batek irakurri du liburua eta ez du begi onez ikusten gertatutakoa eta, horrexegatik hain zuzen, inplikatutakoak alboratu egin ditu.
Ikertzen jarraitzen duzue?
P.Z. Bai, eta gainera liburuak izan du gauza onik. Lehen ehiza zakurren gisan aritu behar genuen, dena usnatzen, orain deiak jasotzen hasi gara. Eta bada informaziorik.
A.G. Bai, liburuaren ondorengoa da Asiainek dietak kobratzen jarraitzen zuela –60.000 euro– Barcinak dietak amaitu zirela esan ondoren. Washingtongo bulegoaren egiazko balorearena. CANetik balore handiko pinturak desagertu direla. Kontuz giltzarri izan da Simon Santamariaren erorketan…
P.Z. Guk esan genuen nafar eskuinaren zati baten begietara Santamaria zela CNIren gizona Nafarroan. Horrek min handia egin zion.
Ikerketaren unerik gogorrena?
A.I. Gogorrena izan da liburuari emandako denbora guztia beste norbaitzuei kendu diegula. Ez ginen inon. Edo bai, beti liburuan.
A.G. Oso une gogorrak bizi izan ditugu maila pertsonalean, baina lorpenak ere itzelak izan dira. Bi urte eta erdiko epean lehendakari ohi bat inputatua dago, Goñi inputatua, Barcina ihesean, sailburu bat dimititua eta Santamaria alde eginda. Hasi ginenean inoiz ez genukeen pentsatuko horren urruti iritsiko ginenik. | news |
argia-d9ba3489aecb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/fermin-etxegoien-eutsiko-diogu-liburuaz.html | "Nola da posible inoiz baino gehiago izatea, eta bukaeraren hasieran egotea?" | Miel Anjel Elustondo | 2015-02-22 | "Nola da posible inoiz baino gehiago izatea, eta bukaeraren hasieran egotea?"
Elkarrizketa liburua osatu du Fermin Etxegoien (Oñati, 1966) kazetari eta idazleak Eutsiko diogu? (Erein, 2014) idatziz. Izenburuak dakarren galdera bakar horixe egin die sorkuntzaren profesional autonomo diren hamabi laguni, etorkizunaz, euskara eta euskal kultura salbatuko diren, ez ote diren salbatuko, gogoetan.
"Inoiz baino gehiago lortu den garaian… badirudi azkenetan garela", esanez hasten duzu liburua.
Ez zait iruditzen azkenetan garenik, baina kuriosoa da: inoiz baino urrunago zabaldu da euskarazko espresiobidea mundu garaikidean. Ez dakit kontu zehatzik, baina seguru, gaur egun, egun bakar batez XIX. mende osoan baino gehiago idazten da! Internet eta teknologia berriak etorri ziren, mehatxutzat hartu ziren hasieran, eta orain berriz, guztiz mesedegarri ditu euskarak. Kontrakoa gertatzen den arte, inoiz ez baitago jakiterik! Inoiz baino gehiago lortu da, bai, baina horrekin batera, espero ez genitzakeen indizeekin egiten dugu topo: euskararen erabilera behera ari da. Nola da posible: inoiz baino gehiago izatea, eta bukaeraren hasieran egotea, funtsezko indizeak (erabilerak), beheranzko joera baldin badu?
Hori da liburuaren abiapuntua.
Zaharragoa ere bada abiapuntua, baina ez du merezi historia osorik kontatzea... Erein argitaletxeak proposatu zidan lana, krisiaren ingurukoa. Nik ez nuen krisi sozioekonomikoaz, bakarrik, jardun nahi, euskarazko bizimoduaren eta bizigarritasunaren mugak, nahiak eta ezinak hartu nahi nituen gogoetarako. Euskarak duen ezintasunaren inguruan hitz egin nahi nuen nik.
Hamabi lagun hartu dituzu bidaide, guru-rik ez tartean.
Ezta unibertsitateko irakaslerik ere! Eta ez dut inor mespretxatzen: beharrezkoak dira irakasleak, eta beharrezkoak dira poeta mistikoak, osaturik dagoen gizarte batean. Baina, askotan, irudipena da ez ote diren, benetako munduan gabe, mundu paraleloan bizi. Beraz, sortzaile profesional autonomoak hartu ditut, hamabi, eta haiekin hitz egin dut, kontrajarrian diren bi bektoreak –inoiz baino gehiago garela, eta bukaeraren hasieran gaudela–, talkan jarriz. Gogoan hartu dut Gari kantariak kantu bat egiteko hitzak eskatu zizkidala, eusten ari ginen sentipena zuela. Nik Pete Seegerren bidetik jo nuen euste hori adierazteko, nahiz eta Seegerrek eutsi baino gehiago esaten zuen: We shall overcome (Irabaziko dugu). Hortik etorri zitzaidan liburu honetarako gaia: "Eutsiko diogu?". Galdera bakarreko elkarrizketak dira.
Hamabi laguni egina, nor bere arloan ari dena.
Bai, nork bere arlo profesionaletik hitz egiten du, baina proiekzioa ebidentea da. Euskaraz aritzen den antzerkigile independente bat eusteaz ari bada hizketan, euskararen iraunkortasunaz ere ari da ezinbestean, nazio proiektu baten jarraikortasunaz eta beste. Proiekzioak berez sortzen dira.
Elkarrizketatu dituzun sorkuntzaren autonomo profesionalok eusten badiote, eutsiko diogu?
Erantzun segururik ezin eman, baina ni haratago joango nintzateke: hauek eusten ez badiote, besteok ere ez diogu eutsiko. Eta besteok eutsiko bagenio ere, ez genioke gizarte osasuntsu, oparo edo aberasgarri bat osatzeko moduan eutsiko. Haiek eutsiko ez baliote, gainerakook subsistentzia egoeran biziko ginateke, ez besterik. Baina nik uste dut oparotasun batean, oparotasun betean bizi beharko ginatekeela. Primun vivere, deinde philosophari. Liburuan, philosophari ari gara, artea philosophari da, azken finean, baina zer nahi dugu, arterik ez duen gizarte bat? Bada, ez. Bizi liteke modu aletratuan, eta euskaldunok oso aletratuak gara, izan, gure letrismoa erdaren bitartez gertatzen delako betiere. Baita gaur egun ere, jakina.
Hamabi lagunoi galdera eginik ere, bataren erantzuna: "Eutsiko diogun? Zer erremedio!". Bestearena, "erresistentzia da gurea". Hurrenarena: "Duda franko bada horretan", "optimista izan nahi nuke". Galdera egin bai zuk, erantzunak nola-halakoak…
Borroka horretan bizi dira. Pertsonalki oso jende positiboa da, horregatik dabiltza lan horretan sartuta. Baina kontziente dira mugak ere badirela, eta arazoak, eta ezintasunak. Eta hori erabat lotzen zaio hizkuntzaren bizigarritasunari. Horretaz ari gara etengabe. Esan genezakeen: "Erdaraz eginda ere, antzerkigintzan bizimodua aurrera ateratzea ez da gauza erraza. Kontrakoa ere bai!". Liburuan, Iñigok [Ibarra, Ander Lipus] esan ere egiten du, inoiz baino hobeto dabilela, inoiz baino lan gehiago duela, zenbait obra elebakarrean emanda –euskaraz besterik ez–, hobeto dabiltzala, jendea modu fidelagoan doala haien lana ikustera. Beraz, espero ez daitezkeen egoera kontestualak ere badira; euskararen aldekoak, esan nahi dut. Eta agian, gehiago ere gertatuko dira. Hori, neurri batean, hizkuntzaren sozializazio zuzen edo okerrari lotzen zaio, hizkuntza eredu nagusiaren bizigarritasunari –batuarenari, alegia–, eredu horren onarpen mailari eta abar. Beraz, hau guztia oso lotzen zaio arlo soziolinguistikoari. Eta soziolinguistikoki zer dago, bada egoera, euskararen alde ala? Ez, ezta?
Kalea irabazi behar dugu, etxera ailegatzeko, dio Goiena Komunikazio Taldeko kudeatzaile Iban Arantzabalek, elkarrizketaren pasarte batean.
Euskal Herria mikrogeografiaren erreinua da. Batean gauza bat ikusten den moduan, ondoko kalean alderantzira ikus liteke. Ez, bakarrik, Bilbo, Azpeitia, Oñati alderatuz, hiru leku zeharo ezberdinak alegia. Bilbon, inoiz baino euskara gehiago eman zaio Poza kalean poteatzen dabilen morroiari, baina, hala ere, erregresioa gertatu da, espero zitekeen baino erdaldunago dira. Kontua ez da, bakarrik, eman zaienarekin ez datozela bat, eman zaienarekiko errefraktario direla. Oso gai interesgarria da, autokritikatik hitz egin nahi izanez gero, behintzat: euskararen ereduaren zuzentasuna, baliagarritasuna, estrategikotasuna… Eta hortik, hizkuntzaren gaineko aginteaz hitz egiten hasiko ginateke, hau da, nork agindu duen hau honela edo horrela esan behar dela.
"Hemen eta orain, inor ez baita gaztagile guztiz independiente, edo independente, Euskaltzaindiak guk denok esatea eta idaztea nahi duen gisan, in-de-pen-den-te, horretaz ere badoa, izan ere, liburu hau…"
Ez dut uste ni bakarrik naizenik kritika hori egiten duena. Uste dut hizkuntza arautua hitz egiten den mintzairatik gero eta urrutiago dagoela, eta hori arazo handi bat da. Horregatik, Eutsiko diogu? liburuan jendearen hitz egiteko modua errespetatu dut. Eta oso zuzenduta dago, hala ere!
Zeure gogoetak ere izan dituzu elkarrizketen barna. Mari Añes Gorostiagarekin egindakoan, esaterako, gure Hego-Iparren arteko harremanei buruzkoa dugu, esanez Iparraldean oso-oso jende gutxi dagoela Hegoaldera begira, "gutartean bezala zuei begira: ia inor ez, lau super-erudito eta hiru mistiko (eta rockeroren bat) izan ezik".
Hegoaldean antiespainolak gara. Horixe da gure manamendua bizitza honetan, antiespainolak izatea. Bada, niretzat, Frantzia mila aldiz autoritarioagoa da, diktatorialagoa ez esatearren, Euskal Herriarekin. Garbi daukat hori. Ziburuko ikastolan gertatzen ari dena ikusi besterik ez dago. Hori hemen gertatuko balitz, Auschwitzi buruz hitz egingo genuke. Frantziako kultura maite dugu, arrazoi askorengatik, baina kontu hauetan, Errepublikaren bateratasun horretatik ateratzen den auziotan, erabat autoritarioa da.
Gero eta gehiago aditzen da adituek esaten dutela euskararen etorkizuna hirian jokatzen dela. Aldiz, zure sortzaile autonomo profesionalok herrietan bizi dituzu.
Kontu zaila da hori niretzat. Ez da, bakarrik, hizkuntzaren etorkizuna hirian jokatzen omen dela. Hori ez ezik, badirudi gure zibilizazioaren jarraipena bera ere hirian erabat iltzatuta dagoela. Ni, esaterako, Bilbon bizi naiz, eta bilbotarkeriak denok jotzen gaituenez, batzuetan pentsatzen dut Bilbon baizik ezin dela bizi Euskal Herrian. Tontakeria galanta, ezta? Bilbon bizi naiz, bai baina, era berean, Oñatikoa naiz, eta badakit zein bizimodu, zein kalitate eta zein mundu eder dagoen herrian! Hala ere, momentu honetan dilema faltsu horietako baten aurrean ez ote gauden iruditzen zait hiritartasunaren inguruan. Eta hori esanagatik ere, Euskal Herrian hiria ez da hain nagusia ere, hemen sare urbano oso trinkoa dugulako oraindik. Zoaz Espainian Gaztelara… Zer da hori? Hirizalea izanik ere, gero eta duda handiagoak dauzkat hirien nagusitasuna omen den horren inguruan. Ez dakit.
Azken galdera, Fermin Etxegoien sortzaile profesionalari, Euskadi Irratiko Musikate saioaren gidari eta idazleari: Eutsiko diogu?
[Isilaldia, luzea oso, erantzuten hasi baino lehen]… Euskara zabaldu egin da lehen erdara baino ez zen tokietara, baina zabaltze horrek ez du esan nahi –salbuespenak salbuespen– egonkortu denik, eta gainera, erdara zabaldu egin da lehen euskara nagusi zen tokietara, eta bertan bai, egonkortu da, edo egonkortze bidean dago. Zergatik? Erdarak dituen milioika hiztunek sortarazten duten gune linguistiko trinko edo dentsoak ezinbestean –grabitatearen legeari jarraiki– erakartzen dituelako euskaldun elebidun asko, gehienak ez esatearren… Baina euskaldunok, ordea, ez gara nahikoak euskarazko gune linguistikoari trinkotasun edo dentsitate erakargarri –zentzu fisiko batean– berbera ekartzeko. Hori horrela da, hori objetiboa da.
Oso zaila izango zaigu trinkotasun linguistikoa lortzea, euskarak, trinkotasunari begira, "minus" bilakatzen zaizkion "plus" linguistiko batzuk badituelako. Adibidez aniztasun kontuak, hau da, euskalkien arteko ezberdintasunak, eta baita ondorioz, euskalkien artetik sorturiko batuaren ahuldade konjenitoa, hau da, sortzezko trinkotasun eza, zeinari buelta emateko, hasteko, nagusitasuna beharko lukeen hemengo hedabideetan… Orduan, euskara gurpil zoro batean dago aspaldi, eta horregatik batzuk ari dira euskalkia berreskuratzen, bertan, oraindik ere, badagoelako trinkotasun sentsazio bat –jende askotxo, toki txiki batean berbetan–, batuari kontrakoa gertatzen zaion bitartean –jende gutxitxo, toki handi edo mugagabe batean berbetan: halako esperanto moduko batean edo?–. Nola lortu orduan, batu trinko, eta ondorioz, erakargarri bat?
Galdera egin duzu. Eta erantzuna?
Bada, indarrak ongi erabilita. Marketin linguistikoa beharrezkoa da, hau da, zerk trinkotzen gaituen eta zerk ez. Administrazioaren esku dauden komunikazio zenbaitetan, adibidez, propagandatik hasi eta Goenkaleraino, eredu linguistiko mugatu –edo lehentasunezko– bat zabaldu behar da, ahozkotasunetik oraingoa baino gertuagokoa, seguruenik. Trinkotasuna lortuko da jendea modu subliminalean "matxakatzen" baldin badugu egokiro hautatutako mezu errepikatuen bitartez. Tontokeriatzat jo daiteke, baina ez da sekula egin… eta suposatzen da milaka lizentziatu-aditu baditugula soziolinguistikan. Jende askok euskalkira jotzen du, askotan, ez bertan sekulako aberastasun linguistikoa dagoelako, baizik eta kontrakoagatik, euskalkietan gauza gutxi batzuk beti modu berdinean –tradizionalean, aletratuan– esaten direlako, hain zuzen, trinkotasun horren bila. Bada, hori: zenbait gunetatik, performance linguistiko subliminal eta erraldoi bat antolatu beharko genuke batuaren trinkotasunaren alde, gauza munstroso xamar bat, bai. Bestela, ez zait plan estrategiko hoberik okurritzen, euskararekin eta euskarazko sorkuntzarekin aparteko interesik ez duten hiztun elebidunak gure estetika linguistiko bateraturantz erakartzeko. n | news |
argia-8ed79ba80f3a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/hsbctik-gobernura-kortsarioek-eskuak-edozertarako-libre.html | HSBCtik gobernura, kortsarioek eskuak edozertarako libre | Pello Zubiria Kamino | 2015-02-22 | HSBCtik gobernura, kortsarioek eskuak edozertarako libre
Ostatuetan orain "Fernando Alonso" esan eta edonork aipatuko dizu HSBC, edo Falciani. Trending topic. Mundua XXI.eko krisitzar itzel honetaraino bankugintza globalak ekarri duela salatu duten Attac bezalako taldeen garaipen txikia ote? Ez oraindik. Ez behintzat Stephen Greenekin batera David Cameron auzitegira bidean ikusi artean.
Elizabeth Warren senatari demokrata ezaguna ari zaio galdezka AEBetako legebiltzarrean Washingtongo gobernuaren ordezkari bati finantza aferez. "[2012ko] Abenduan HSBCk onartu du 881 milioi dolar beltz zuritu dizkiela Kolonbiako eta Mexikoko droga-kartelei (...). Ez da hanka sartze bat izan, gauza bera egin dute behin eta berriz urte luzeetan barrena. Eta harrapatu egin dituzte. HSBCk isuna ordaindu du, baina bere arduradun bakar bat ez da auzitara eraman, inori ez zaio bankugintzan lan egitea galarazi, ez da planteatu ere egin erakunde horri lana debekatzea AEBetan. Horregatik galdetzen dizut zuri, diru zuriketan aditua zaren horri: zenbat milaka milioi dolar zuritu behar dizkiezu droga trafikoaren buruzagiei eta zenbat zigor ekonomiko pasa hankapetik, agintariek zuri negozioa ixtea erabaki dezaten?".
2013ko martxoan egin zion galdera Elizabeth Warrenek AEBetako Gobernuaren defentsan azaldutako David Coheni. Grabazioa Youtube n dago ikusgai. Senatariak gero alderatu zituen droga saltzaile txikiei ezartzen zaizkien kondena gogorrak eta drogak mugitzen dituen milioiak zuritzen dituzten bankarien inpunitatea. Zergatik ote da?
Erantzuna bere aldetik emana zeukan finantzako erakundeen gardentasuna eta zor bidegabeen auditorian aspalditik ari den Eric Toussaint belgikarrak: arazoa ez da HSBC bezalako banku lapur batek ez duela aski ostu, alderantzizkoa da, sobera gizendu dira: HSBC bezalako erakundeak ezin dira zigortu "Too Big To Fail" direlako, porrot egiten uzteko handiegiak.
Toussaintek Hirugarren Munduari Zorra Desegiteko Batzordearen (CADTM frantsesez) webgunean duela urte bete idatzitako analisiari honako titulua ipini zion: "Les barons de la banque et de la drogue " (Bankuen eta drogaren ugazabak). Inork ez du auzitara eraman ekonomialari belgikarra, inork ez du auzitara eraman orain artean HSBC ere. Isiltasuna nagusi.
Gakoa, Toussaintentzako, aginte politikoekiko loturetan datza. Ez da lotura teoriko bat, protesta ekintzetan demagogia kutsuz oihukatu daitekeen salaketatik harago doa. Izen-abizenak jarri dizkio Toussaintek: "Stephen Green, patron de HSBC (2003-2010) devenu ministre britannique du Commerce (2011-2013), une figure emblématique" .
Stephen Keith Green (1948) bankari eta politikariak irudikatzen du finantzen eta politikaren artean dagoen sinbiosia. Hori gutxi balitz, gobernuko ministro izan baino lehenagotik da Ingalaterrako eliza anglikanoko apez ere. Bi liburutan eskaini ditu ikasgaiak negozioen eta etikaren arteko loturez. On da jakitea nola zerbitzatu berdin Jainkoa eta Zesar erreprotxu moralik gabe.
Gaztetan diplomazian egin zuen lan Greenek, kolonietarako ministerioan. Gero McKinsey kontsultoran jardun zuen. 1982an fitxatu zuen HSBCk eta laster irabazi zituen graduak bertan. 2003an bankuaren zuzendari exekutibo izendatu zuten, 2006tik 2010era bitartean lehendakari egiteko. Urte horretan egin zuten bizi osorako senatari Lorden ganbaran Baron Green of Hurstpierpoint izendaturik. 2011tik 2013ra Londresko gobernuan egon da David Cameronen Merkataritza eta Berrikuntza ministro.
Drogak eta inperioa
Baina ministro izatera iritsi baino lehenagotik zegoen Stephen Green –bera buru zuen bankua– narkotrafikoaren dirua zuritzeaz akusatua. 2005ean New Yorketik Bloomberg agentziak salatu zuen HSBC horretan ziharduela. 2008an AEBetako gobernuak jakinarazi zion Greeni Mexikok salatu ziela HSBCren bertako ordezkaritza sartuta zegoela krimenaren dirua legezkotzen. Behin eta berriro ohartarazi ostean, azkenean 2012an 1.900 milioi dolarreko isuna jarri zioten Washingtoneko agintariek.
Toussaintek dioenez, "Stephen Green ondo kokatuta zegoen jakiteko zer gertatzen zen Mexikon, paradisu fiskaletan, Ekialde Hurbilean eta AEBetan, zeren eta HSBCren agintari nagusia izan aurretik aritua baitzen HSBCren Bermuda (paradisu fiskal ezaguna), Mexiko eta Ekialde Hurbileko egoitzetan".
AEBetako agintarien mugimenduei usaina harturik, banku kortsariotik garaiz egin zuen jauzi lehorrera... Londresko gobernuaren portuan aurkiturik babesa. 2010ean izendatu zuten lord eta 2012an David Cameronen gobernuan harrapatu zuen HSBCri AEBetan jarritako isunak. "Hau irakurri polizien nobela beltz batean eta esango zenuke idazleari eskua urrutitxo joan zaiola", dio Toussaintek.
Gobernuko karguaz gain Green azken urteotan aritu da industriako patronalaren zuzendaritzan, Londresek Joko Olinpikoen antolaketa lortzeko negoziaketan ere bai. David Cameronek ez du sekula baimendu Greeni Lorden ganbaran HSBCz galderarik egin dakion: Lord Greenek izugarri lan ona egin du gobernuaren barruan Britainia Handiaren esportazioak indartzeko eta nabarmenki Europar Batasunaren eta AEBen arteko itun berria (TTIP famatua) aurrera atera dadin. Berdin sustatzeko britainiarrek ekoiztutako armen esportazioa.
Stepehn Greenek bere buruan pertsonifikatu du HSBC izan dena inperio britainiarrarentzako. Gaur mundu osoko 75 herrialdetan 260.000 langile eta 54 milioi bezero dauzkan Hong Kong and Shanghai Banking Corporation (HSBC) sortu zenez geroztik dago drogen nazioarteko salerosketari lotua.
Bi gerra irabazi zizkioten britainiarrek –Washingtonek lagunduta– Txinari, bigarrena 1856-1860 artekoa, biak opioa zeukatenak sustraian. Ingelesek zanpatuz geroztik Txinak bazterketa handia nozitu du ondorengo mende eta erdiz.
Bakearen truke Txina galtzaile umiliatuak onartu behar izan zuen orduan britainiarren inperioa zen Indiatik nahi adina opio libre sartu ahal izatea. Hong Kongeko kolonia gotortu zuen Londresek eta han 1865ean opioaren salerosketan berezitutako merkatari eskoziar batek sortu zuen gaur HSBC dena.
Hong Kong Txinari itzultzerakoan, Londresera eroan zuten HSBCren egoitza nagusia 1993an. Baina bere historiari fidel, agintariek berriro aurkitu dute droga trafikoak sortutako dirutzak zuritzen, truke tasen manipulazioan, interes tasen gaineko deribatuen iruzurrean, enpresa txikientzako sasi-aseguruen iruzurretan, urrearen eta zilarraren prezioak manipulatzen... eta asteotan munduko espektakulu nagusi bihurtu den eskandaluan: zergak saihesteko iruzur masiboan.
Toussaint: "HSBC britainiarrarenak hezur-mamitzen du 'espetxean erortzeko handiegia' dotrina". Orain arte hala izan da. Berdin 2015ean? | news |
argia-57f8bf1cb3b4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/izotzetako-gizonaren-tatuajeak-eta-akupuntura.html | Izotzetako gizonaren tatuajeak eta akupuntura | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-02-22 | Izotzetako gizonaren tatuajeak eta akupuntura
Ötzi izeneko izotzetako gizona Alpeetan aurkitu zutenean, 1991n, azalean tatuajeak izan zitzakeela ikusi zuten ikerlariek, baina azal momifikatu ilunak ez zien utzi marka horiek identifikatzen. Azkenaldian egindako eskanerren arabera, Ötzik, guztira, 61 tatuaje zituen hainbat gorputz ataletan banatuta. Gehienak marra paraleloak dira, ebakiduretan ikatza igurtziz egindakoak.
Hego Tiroleko Arkeologia Museoko adituek egindako eskanerrei esker, duela 5.300 urte tatuajeak egitea ohitura zabaldua zela baieztatu da. Horrez gain, beste eztabaida bat ireki da. Adituek uste dute tatuaje horiek nolabaiteko akupuntura tekniken emaitza izan daitezkeela. Orain arte aurkitutako akupuntura frogarik zaharrena Txinakoa da eta 3.000 urte inguru ditu. Ötziren tatuajeei buruzko hipotesia baieztatuko balitz, akupunturaren jatorria 2.000 urtez egingo luke atzera. | news |
argia-8f276cf99d81 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/bazterrak.html | Mapa eta lurraldea | Aritz Galarraga | 2015-02-22 | Mapa eta lurraldea
EGILEA ::Uxio Novoneyra
Itzultzailea ::Koldo Izagirre
Pamiela, 1988
Galizia, Lugo, Coureleko mendietan barrena ibiliko gaitu Uxio Novoneyrak. Ibili gintuen bezala paraje berdintsuetatik Anxel Folek Kriseiluaren argipean . Hegoalderago bidaiatu ginen Xose Luis Mendez Ferrinen Mugaldeko jendea rekin, Ourense aldera, Galizia eta Portugal bereizten dituen arraiara –hain justu Miguel Torga portugaldarrak Piztiak bilduman bisitatzen zuen Tras os Montes haien bestaldera–. Dena dela, beste garai batzuk ziren –Josu Landak, argikari honetantxe esan bezala, Novoneyraren poemen iritzira: "Baten batek galegotik gehiegi itzultzen ari dela pentsa dezake"–. Beste garai batzuk ziren, itzultzen genuen galegotik, Novoneyra, Fole, Mendez Ferrin, guztiek ere partekatzen zuten lurralde bat, mendi, landare, animaliez egina. Zerikusirik ez Iolanda Zuñigaren Post-it bizitzak ipuin liburuak erakusten dizkigun Vigo eta enparauekin. Horiek gutxiek, ordea, eta gehiagok, osatzen dute euskaraz irakur dezakegun literatura galegoaren kartografia.
Koldo Izagirreren itzulpenean, eta bi liburukitan –antza, papera merkeago zegoen laurogeietan, edo ez hain garesti behintzat–, Luis Pimentelen Sombra do Aire na Herba eta Celso Emilio Ferreiroren Longa noite de pedra poemategiekin batera, gerraondoko poesia galegoaren hiru oinarri nagusietako bat da Bazterrak . Coureleko gailur ilunak, beraz, otso lurrak, euri, elur egunak. Beste ezer baino lehen, leku izenak, "haietako asko esanguratsuak eta denotazio indar handikoak", Izagirreren hitzaurrean. Horrexegatik daude galegoz, Pia Paxaro, Boca do Faro, Devesa da Rogueira. Pixka bat Joseba Sarrionandiak egiten zuena Ruper Ordorikak abestutako Izen zaharrak hartan, edota Oskar Alegriak Emak Bakia baita ezin ederragoan, itsas azpiko harkaitz, etxe izenekin. Ez bakarrik, ordea: osinak, txiribiak, mendabelarrak, kardulatzak, andagarratzak; balirudike hasiberrientzako botanika gida baten aurrean gaudela, plazer estetikoa ahaztu gabe, hori bai. Baina, guztiaren gainetik, natura, bere gordinean, bere osotasunean, eta ez hiriarekiko kontrajarri, ez eta bereziki gizajendearen gogoa aletzeko eran. Nahiz "hemen ongi somatzen dela gizona zeinen guti den". Eta gizona dioenak dio emakumea, eta gainontzeko genero guztiak, noski. Hirurogeietan galegoen artean nagusi izan zen poesia soziopolitikoaren aurreko poesia da Novoneyrarena.
Garai batean gehiegi itzultzen zela uste bazuen inork, gaur egunean zilegi da pentsatzea gutxiegi itzultzen dela euskarara galegotik. Inork lurralde hori mapan zehatzago marrazten duen artean, ordea, ez ahantzi: Coureleko zeru-lurrak, Galizia-Portugal arraiakoak bezala, berdin Vigokoak, dira azkengabeak. | news |
argia-7623b756413a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/aranatar-sabin-aranagoiri.html | "Zuzentasun politikoan gehiegi sinesten ez dudala agerikoa da" | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-02-22 | "Zuzentasun politikoan gehiegi sinesten ez dudala agerikoa da"
Sabin Arana Goiri, "Osaba Sabin" gisa ere ezaguna. Nork esan behar zigun EAJren sortzailea, euskal abertzaletasunaren fundatzailea, nazionalismo espainiarrak hainbeste gorrotatzen duen pertsonaia historikoa berpiztu egingo zela? Ez da miraria, Arana'tar ezagunenak Twitterren egon behar zuela pentsatu zutenen obra baizik. Euskal Herriko troll-izarretako bat da, baina aurkitu du tartetxo bat lege zaharren arabera kudeatzen duen agendan gure galderei erantzuteko.
Lehenbizi galdetuko nizuke: "nor da @aranagoiri?". Baina elkarrizketa honen helburua ez da inori maskara kentzea beraz, bigarren galderatik hasiko gara: nola sortzen da Sabin Aranarekin troll bat egiteko ideia?
@aranagoiri sortu aurretik, 2011ko udan, euskal txioesfera forma hartzen hasia zen, baina erdal komunitateek jada garatuta zeuzkaten hainbat elementu falta zitzaizkion, tartean kontu parodikoak. Lehenengo euskal fake esperimentua Jon Miranderen kontua izan zen, eta horren nolabaiteko harrera onak adierazi zigun bazegoela bide bat jorratzeko kontzeptu horren inguruan. Pertsonaiaren hautaketaren gainean ez dago gauza handirik esateko: Arana jauna oso ezaguna da, erreferentziala da eta batez ere atenporala, gaur egungo pertsonaiek baino askatasun handiagoa ematen zigun. Guk egin izan ez bagenu, beste batek egingo zuen.
Troll politikoei buruz ari gara, hau da, eztabaidak lehertzea beste helbururik ez duten sareko ohiko trollen aldean, helburu politiko argiagoa daukatenez. Zure burua definizio horren barruan kokatuko zenuke? Zein da @aranagoiri bezalako kontu baten helburua?
Hasieran guztiz esperimentala eta ludikoa zen, Twitterren erreferentzia euskaldunak txertatzeko gogoa besterik ez. Hori presaka egin zen eta handik gutxira Twitterreko Sabin Arana hobeto lantzen saiatu ginen, pertsonaiaren errepresentazio historiko gaurkotua-edo. Baina maketoei buruzko txantxak egiteak ibilbide mugatua du, eta aspaldi desbideratu ginen, jada ez da Arana ta Goiri'tar Sabin , @aranagoiri baizik, mozorroa mantenduz diskurtso eta koordenada propio agerikoak dituena. Helburuak, gaur egun, nagusiki ludikoa izaten jarraitzen du, lerdokeriak esaten ondo pasatzen dugulako egiten dugu, baina argi dago ertz asko dituela: zirikatzea, informatzea, eztabaida sortzea, diskurtso politiko argi samarra –lerro artean irakurri ahal duenarentzat–...
Arana jauna, batzuetan badirudi ez zaudela oso ados EAJren egungo ildo politikoarekin. Alderdia berriz gidatu ahalko bazenu, zein neurri hartuko zenituzke? Edo, zein beste alderditan egongo litzateke Sabin Arana gaur egun?
Politika-fikzioan sartzea hutsala litzateke eta nahikoa egiten dugu sasi-politologo eta sasi-historialariarena sarean. Arana jaunaren ibilbide laburrak EAJren "bi aurpegi" famatuak nahasi zituen, eta auskalo. Geure @aranagoiri errotiko independentista da, eta beraz arazotxo batzuk ditu gaur egungo Sabin Etxeko buruzagitzarekin. Zaila da 120 urtez itxaron duen norbaiti pazientzia eskatzea. Comunión gutxiago eta Aberri gehiago gura du.
EAJren sortzailearen irudi serio eta nolabait solemnea gordetzen du memoria kolektiboak. Are gehiago, haren irudia demonizatu ere egin dute zenbait sektore politikok. Benetako Sabinen zer parte gorde duzue eta zer gehitu diozue zuen aldetik?
Osaba Sabinen mozorroaz baliatu gara geure pertsonaia propioa sortzeko, baina figura historikoa defendatzeko edo gutxienez testuinguru egokian ebaluatzeko asmoa mantendu dugu. Ez da onargarria Cánovas del Castillo esklabista zuritzen duen ganorabako batek Arana arrazista deitzea, edota ageriko nazionalista espainiarrek " aranista " irain gisa erabiltzea. Historiak eta hemerotekak asko laguntzen digu kasu hauetan, normalean ez dugu ahalegin handirik egin behar horrelako diskurtso hipokritak agerian uzteko. Bestalde, argi dago egiazko Sabinen alderdi batzuk ez ditugula behar bezala zaintzen, geure osaba Sabin kristau nominala besterik ez da, izatekotan, eta hiztegi nahiko gaurkotu, basati eta paganoa dauka .
Kontua kudeatzen duzuen benetako pertsonen aldean, zein abantaila ditu Sabin Arana bezala aritzeak kritika politikorako? Zer dauka alde eta zer kontra benetako izen-abizenak eman gabe txiokatzen duenak?
Abantailarik argiena izenak berak ematen digu, markak. Gure edukia hobea edo okerragoa izan daiteke –gu orokorrean pozik gaude produktua rekin– baina txantxa berbera geure izen-abizenekin sinatuz egingo bagenu –egiten dugunean!– ez genuke horrelako erantzunik lortuko. Gure jarraitzaile kopurua ez da soilik balizko modus operandi egoki baten ondorio, hein handi batean birziklatutako –nahi bada, hilotz bati lapurtutako– izen batek emana da. Nolabait Sabin Arana marka gure mezuaren mesederako bahitu dugu eta horrek ematen digu pertsonaiaren jatorrizko izaerarekiko gutxieneko ardura hori.
Anonimotasuna abantaila da beraz?
Anonimotasunak inpunitatea dakarrela diote batzuek, eta arrazoia izango dute, baina kritikarako askatasuna dakar era berean, eta Operación Araña ren garai nahasi hauetan eskertzekoa da. Irainerako bide lasaiagoa ematen du, eta gaur egun badira irainak merezi dituzten pertsona publiko asko eta asko. Agerikoa da ez dugula zuzentasun politikoan, "errespetu formalean" gehiegi sinesten. Hala ere, gu beti iraina argudioarekin lotzen saiatzen gara. Seguruenik noizbait anonimotasuna gehiegikeriaz erabili dugu, erraza da kale egitea zirikada eta irainaren arteko mugan dantzan zabiltzanean, baina guretzat merezi du. Baten batek esan lezake koldar hutsak garela ezizen baten atzean aritzeagatik, baina ez zaigu axola. "Pintadek esaten dute paperek isiltzen dutena" abestu zuen nafar batek, eta guk "anonimoek esaten dute sinadurek isiltzen dutena" gehituko genioke horri.
ZuZeu n bloga ere abiatu zenuen, 2012tik berritu gabe dago ordea. Twitterren aldean interakzio gutxiago dituzten formatuetan deserosoago sentitzen da @aranagoiri bezalako norbait? Ala blogerako idazteko denbora falta (edo alferkeria) da?
ZuZeu ko lagunek proposatutako formatua da –edo zen?–, eta zoritxarrez ez diogu inoiz neurria hartu. Azken bi urtetan pare bat aldiz egon gara bloga berreskuratzeko zorian eta ez da gertatu. Txiokiñean eta Txiokiñerako sortu zen @aranagoiri, eta han dago erosoen. Denbora falta aitzaki gisa erabil genezake, eta noizbait Hasier Etxeberriarekin aurrez aurre berba egitekotan hala egingo dugu, baina momentuz lasai asko onar dezakegu geure errua besterik ez dela.
Umorea, ironia eta sarkasmoa erabiltzen dituzue komentario politikorako. Zentzu horretan, uste duzue sare sozialek lehen existitzen ez zen espazio berri bat zabaldu dutela? Hau da, Twitter kontu bat kudeatu aurretik, termino horietan hitz egiten zenuten politikaz ala medioak berak laguntzen dio mezu mota horri?
Twitterren aurretik Interneten bazegoen politikaz hitz egiterik, foroetan eta abar, baina sare sozialek ate desberdinak ireki dizkigute. Badira haien kontua pertsonalki kudeatzen duten politikari edo pertsonaia publiko garrantzitsuak, esaterako. Horiek biluzik daude, tiro egin diezaiezun esperoan. Diskurtso publikoa pixka bat "demokratizatu" da, ez genuke inuzenteegiak izan nahi, baina honen harira politikaren munduak babes-geruza txiki bat behintzat galdu du. Moldatuko dira, medioa oraindik nolabait berria delako, eta asmatuko dute kalte potentzialak gutxitzeko moduren bat –eta hala ere, agerikoa denez Twitter ez da eztabaida sakonak garatzeko inolako esparru egokirik– baina bitartean herritarrek badute iritzia eta harremanak sortzeko esparru txiki kaotiko samar bat, eta ez da gutxi.
Ohiko trollak geldiarazteko mekanismoa aspaldi asmatu zen: " don't feed the troll ", hau da, @aranagoiri bezalakoek diotenei kasurik ez egitea. Baina badirudi zuekin ez duela funtzionatzen: jendea haserretzen jarraitzen duzue. Mekanismo bereziren bat erabiltzen duzue probokaziorako?
Probokazioa berez hutsala da, atzetik iraintzeko edo sumintzeko asmoa besterik ez dakarrenean. Probokazioak halabeharrez funtzionatzen du atzetik mezua eta intentzioa dakarrenean, eta gu horretan saiatzen gara. Twitterreko publiko zabal batek hori estimatzen du. Jarraitzaile kopuru handiak ere laguntzen du, zaila da intentzio garbiarekin heltzen zaizun zartako bati inolako erantzunik ez ematea, baldin eta publikoki dozenaka pertsona zutaz barrezka dauden.
Eta orain sutzen direnek jarrera bareagoa hartuko balute? Zer gertatuko zaio Twitterreko Sabin Aranari ultra-espainiarrek aniztasun nazionala bezalako kontzeptuak barneratzen dituztenean? Kasu horretan edukiko luke espazio politikorik @aranagoiri-k sarean?
Bai, @aranagoiri ez dagoelako bakarrik kanpora begira. Saiatzen gara zartakoak ezker-eskuin eta etxean zein kanpoan banatzen, nahiz eta gero eskuak intuitiboki erosoagoa zaion horretara jotzen duen. Baina Euzkadin asko dago egurtzeko, eta espainiar guztiek bihar balizko Alfabetatze Demokratizatze Koordinakunde batean izena emango balute ere, espazioa eta diskurtsoa izango genuke. Trainspotting eleberrian Irvine Welsh-ek ederki azaltzen du: "They're just wankers, we are colonised by wankers" ("Tontozakil hutsak dira, tontozakilek kolonizatuta gaude"). Haiek oker baldin badaude, gu are okerrago gauden seinale da. Zauri horretan ere piko egin behar da.
Badira pertsonaia historikoetan oinarrituta antzeko jarduera daukaten Twitter kontuak. Baten bat bereziki gustuko duzue?
Zalantza dugu pertsonaia historikotzat har daitekeen, baina @TheTweetOfGod-en zale amorratuak gara. Euskarazkoetan Xalbador (@xalbadorrenea) aipatuko genuke, nahiz eta parodia baino gehiago omenaldi #OngiEgina den. Euskal txiosferan izan zen kontu parodikoen olatutxo bat, historiko zein garaikideak, baina indarra galdu du, zaila delako horrelako profil zehatz bat mantentzea aspertu barik. Guk Telesforo Monzon ikusi nahi genuke osaba Sabinekin lehian. Erdaraz badira maila eta arrakasta handiko kontu parodikoak. Esaterako, @norcoreano eta @sergiosayas nabarmenduko genituzke.
Euskaraz eta gaztelaniaz idatzi ohi ditu txioak Osaba Sabinek, baina gaztelania da nagusi: aberrija ren alde maketoen hizkuntzan? Ala tuitstar bat izateko hizkuntza nagusietara jotzea ezinbestekoa da?
Kontua sortzerakoan argi geneukan euskarazkoa behar zuela izan, baina prestakuntzarik gabe hasi ginen, presaka, eta hatxe bako euskara batu modukoan egiten zuen Sabin Arana geneukan (!). Baina kontzeptua gustuko izan omen zuen batek @LuisAranaGoiri sortu zuen segidan, eta rol-joko arraro batean sarturik, anaiak inplizituki irizpideak ezartzen lagundu zigun. Pixkanaka @aranagoiri-k euskaratik gaztelaniara egin du ihesi, eta gu kontraesan horretan bizi gara. Aurpegiratzen digutenean, sabinera izendatu dugun geure sasi-bizkaiera martzianoaren mugak jartzen ditugu aitzaki gisa, edo bestela Gara egunkariarekin batera gaztelaniaren normalizazio-prozesuari ematen diogunaren txantxa bota eta aurrera egiten dugu. Egia da gure pertsonaiaren atal ezinbesteko bat elementu erdaldunekiko interakzioa dela, "kanpo-pedagogia" esaten diogun hori. Baina ez da aitzakia. Egon da umorea arrakastaz eta soilik euskaraz Twitterren landu duenik, esaterako antza denez erretiroan dagoen @Euskaltroll. Tuitstar hitza kuantitatiboki erabiltzekotan, ez dakit euskarazkorik daukagun, komunitate txikia gara eta. Baina kalitate oso altuko umore eta txiogintza dago euskaraz, horretaz ez daukagu zalantza izpirik.
Sabin Aranaren bizitza kontatzen duen filma, Sabinen aurpegia duen Loreak Mendianen kamiseta… Aranaren revival bat bizitzen ari gara? Zer eragin izan duzue horretan?
Nahi gabe Sabin Aranaren alegiazko hipsterizazio prozesu bat martxan jarri baldin badugu, belauniko joango gara Sukarrietako hilerrira barkamena eskatzera. Loreak Mendianekoei galdetu beharko litzaieke diseinu horretan @aranagoiri-k zerikusirik izan duen. Erantzunak jakin-min handia pizten digu, batez ere royalty ak eskatzeko orduan.
Estreinatu berri den Sabin telefilmaren grabaketan ordea ez dugu inolako merezimendurik, 2011n grabatu omen zelako. Hala ere, ospatzekoa da ETBk horrelako #drogagogorra ekoiztea. Ez dago gure txiorik Sabin eta Nikoleren arteko larru-jotze hori irudika dezakeenik. Asier Hormazak Akademiaren Oscar bat merezi du. Edo bi.
Informazio gehiago:
Troll politikoei buruzko erreportajea: Iritzi publikoaren izar anonimoak .
Diario Fatxo ekimeneko kideekin elkarrizketa: "Jende batek Diario Vasco irakurtzeari utzi eta gu jarraitzen gaitu orain" | news |
argia-79a9e79f73a3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/fermin-muguruza.html | "Autogestiotik nator eta hortik joko dut beti" | Miel Anjel Elustondo | 2015-02-22 | "Autogestiotik nator eta hortik joko dut beti"
Fermin Muguruzaren indar eta energia handiak ditu Black is Beltza komiki edo nobela grafikoak. Kantaria, Harkaitz Cano idazlea eta Jorge Alderete ilustratzailea egile, iazko kultur produkturik erakargarrienen zerrendan ageri da, merezimendu osoz. Ezustean, ustekabeko liburu ederra dugu irakurgai zorioneko irakurleok, eta aztergai bikaina, aldiz, kritikariek.
Sukalde honetan kuzinatu zenuten proiektua…
Harkaitzi [Cano] deitu nion, esanez proiektu bat nuela, etortzeko Irunera, azalduko niola. Etorri zen, eta sukalde honetan bertan eman nion ordu arte idatzita nuena: orrialde eta erdi. Hartu zuen, zutitu zen, eta esan zuen: "Hau akordeoi bat da. Ez dago hauspoa ireki eta soinua irteten uztea besterik!". Oroitzen naiz horixe esan zuela, zutituta… Orrialde eta erdi hartan nik buruan neukan istorioaren sinopsia zegoen. Eta inportantea, orrialde harekin batera erraldoien argazkia erakutsi nion. Argazkia ere guztiz deigarria gertatu zitzaion, jakina.
Zer zioen delako sinopsiak?
Istorioaren arrankea zen, nolabait esateko: 1965ean New Yorkera eraman zituztela Iruñeko erraldoiak desfila zezaten, baina arrazakeria medio, ezin izan zituztela erraldoi beltzak desfilatzen jarri. Sinopsian esaten nuen gure protagonista –Manex, euskalduna–, han zebilela, eta Manexek zer bide egin behar zuen ere kontatzen nuen, bide edo bidaia horretako zenbait xehetasun. Esate baterako, Montereyko jaialdia, De Gaulle jenerala, Aljeria, Madril…
Nondik atera zen bidaia horren asmoa?
Bidaia benetakoa da, hor ez dago gezurrik. Istorioak, berez, bi gertakari historiko ditu oinarri. Batetik, New Yorkeko desfilea –nahiz eta erraldoi beltzak ez ziren joan; hori guk hartu dugun lizentzia poetikoa izan da–; eta, bestetik, benetako bidaia, munduan barrena egindakoa. Behin, Kuban nengoela kontatu zidaten: Iraultzaren halako urteurren batean komandanteren batzuk Euskal Herrira etorri zirela, Van Van orkestraren lagun batzuk ere bai…
Zirkulu horietan ibilia nintzen Kuban izan nintzenean 1991n, Negu Gorriakekin. Hain zuzen, Van Vanek utzi zigun musika ekipo guztia han jo genezan. Elastiko bat nuen jantzita, "Black Panther, Power to the People" , eta nire ondoan zeudenek horri heldu zioten eta bidaiaren historia kontatu zidaten. Harrezkero, dokumentatzeko aukera izan dut eta jakin dut Pantera Beltz batzuk Kuban bertan daudela errefuxiatuta. Baina Kuban ez ezik, Aljerian ere errefuxiatu ziren. Nonbait, Pantera Beltzek AEBetatik Kanadara jo izan zuten, Quebecera, handik Montrealera, Montrealetik Aljeriara, handik Madrilera, eta handik Kubara. Gertaera historikoa zen, eta horixe zen sinopsia. Gainerakoan, hauspoa zabaldu eta toki bakoitzean zer gertatzen zen asmatu behar zen, istorioa jantzi.
Arrazakeria da Black is Beltzaren gai nagusia?
Ez dago gai nagusi bakarra… Gaur egun esaten da gauza guztiak harremanetan daudela. "Barkatu! Eta lehen ez?", erantzuten dut nik. Lehen ere baziren loturak eta harremanak. Esaterako, Che Guevararen hitzaldi asko entzun ditut. Komikiak agertzen duen garaiarekin oso lotuta daude haietako asko. NBEren egoitzan egin zuen hitzaldia, adibidez. Komikiari laguntzen dion erakusketan jarri dugu hitzaldi hori, Bilboko Alondegian, eta pare bat esaldi ere hartu ditut hitzaldi hartatik, ez komikian erabiltzeko, egin dudan kantuan baliatzeko baizik: "Gizateriak esan du: 'aski da!', eta jarri da martxan, eta bere martxa erraldoiena da!". Zoragarria! Bada beste esaldi bat ere, Cherena, izugarria: "Dagoeneko ez dago arerio ahulik, kontuan hartu behar ez denik, ez baitago herri isolaturik!". Internazional osoa ari da antolatzen Che garai hartan! Bera joango da Kongora, bera joango da Boliviara. Iraultza internazionala da, esaten ari da. Era berean, musika ere harremanetan dago toki guztietan.
Abiapuntua prentsa-ebakin bat izan da, Iruñeko erraldoiek New Yorkera Munduko Azokaren karietara egindako bidaiaren berri ematen zuena.
Orain dela hamalau urte irakurri nuen albistea, eta gorde egin nuen prentsa-ebakina, askotan egiten dudan bezala. Hau eta hura irakurri, deigarria gertatu, eta jaso egiten dut. Kantuak egiteko balio didate, adibidez. Bilboko Alondegiko erakusketan, esaterako, 2000tik hona bildutako zenbait prentsa-ebakin ageri dira. Gaur egun pentsaezina nuke, digitalean irakurtzen dudalako prentsa guztia, nahiz eta Berriaren harpidedun naizen. Baina orain dela hamalau urte paperezko prentsa asko kontsumitzen nuen. "Noizbait ezer egitea erabakitzen badut, hemen daukat informazioa", esaten nion neure buruari. Juan Rulforen inguruko ebakina, adibidez, 2001ekoa da. Erraldoiak New Yorken izan zirela irakurri nuenean, eta erraldoi beltzei ez zietela utzi desfilatzen, gorde egin nuen. Harrigarria iruditu zitzaidan albistea.
Hamaika urtez gorde…
Baina handik bost urtera, beste egunkari batean, albiste bera irakurri nuen. Argazkia ere bera zen, erraldoiak beti. Eta ebaki eta gorde egin nuen, berriz. Bestalde, Kuban kontatu zidatena gogoan nuen ordurako eta "arraioa! Eleberria idatzi behar diat!" hasi nintzen neure buruari esaten. Baina niri jendearekin lan egitea gustatzen zait. Musika egiterakoan hala egin dut. Hasten naiz lanean, eta laster nahi ditut beste musikari batzuk ondoan. Horretan, Josu Landarekin elkartu nintzen 2002an. Erraldoien istorioa kontatu eta ikaragarri gustatu zitzaion. Esan zidan: "Corto Maltese euskalduna sortu behar duk hemen!". Hugo Pratten pertsonaia mundial hori! Baina bizitza bizitza da, hainbat gorabehera izan ziren bidean, eta bertan utzi nuen proiektua 2009ra arte.
Eta orduan?
"Animaziozko filma egin behar diat!", esan nuen orduan. Dibulitoon-era [bideo-ekoizpen zerbitzuak, Irunen] joan nintzen. 2006an ere haiekin egin nuen Euskal Herria Jamaika Clash bideoklipa eta, tartean, Balsean Bashirrekin animaziozko filma ikusi nuen, potentea oso! Dibulitoonen gidoia idatzi behar nuela esan zidaten. "Badakizu zein zenukeen lagun ona honetarako? Harkaitz Cano". Jakina, aurretik ere ezagutzen nuen Harkaitz, bagenuen harremana, oso polita gainera. Eta hots egin nion.
Kalean da komikia. Ez dakit filmaren bidea itxita dagoen…
Ezta pentsatu ere! Kontua da tempoak oso ezberdinak direla. Esan nahi dut, musikariok kasik bat-batean egiten dugula lan. "Kantua ere egin behar diat Black is Beltza honen inguruan!". Eta egin dut. Mikel Azpirozi hots egin eta baietz. Hemendik urtebetera diskoa egiteko plana egiten badut, badakit zein diren epeak. Baina film baten kasuan epeak ikaragarri luzatzen dira. Eta liburua ateratzeko ere, kontuan hartu 2000n izan nuela ideia, duela bost urte elkartu nintzela Harkaitz Canorekin, duela hiru urte –gidoia bukatu genuenean–, jarri nintzela harremanetan Jorge Aldereterekin...
Euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta frantsesez dator Black is Beltza.
Zenbait bilera ere egingo dugu, ingelesez itzultzeko. Bestalde, gaztelaniaz argitaratu dugu hemen, baina edizio berezia du Mexikon. Guadalajarako liburu azokan izan nintzen, eta beste bi edizio egiteko akordioa ere lotu nuen: Kolonbian aterako da udaberrian, eta Argentinan irailean. Eta Txilen ere banatuko dugu.
Produktuaren aldeko apustu sendoa egin duzue…
Lan bat egiten badut, larrua uzten dut bertan. Ezinbestekoa zait egiten dudana azaltzea han eta hemen. Nire eskola propioa da: autogestioa, "egin zuk zeuk". Autogestiotik nator eta hortik joko dut beti, berdin da diskoa izan, filma izan edo liburua.
Zer da lan hau zure musikari edo artista bidean?
Beste artefaktu bat gehiago! Gauza asko da Black is Beltza . Bilboko Alondegian pedagogia-taldea ere badute, eta Black is Beltza hartu eta unitate didaktikoa egin nahi zutela esan ziguten. Ni neu Pedagogia ikasitakoa naiz, eta zoragarria iruditu zitzaidan asmoa. Gazteak motibatzea da kontua, eta lortzen ari dira. Sekulako feedback a jasotzen ari dira. Pozak txoratzen daude. Batean, haikuak asmatzen dituzte; bestean, bunbuiloetako testuak; hurrengoan, komiki klasikoak dituzte aztergai, edo emakume ilustratzaileen lanak… Ideiaren berri eman zidatenean, chapeau iruditu zitzaidan, eta joan ere egin nintzen tailer haietako batera.
Jorge Alderete da ilustratzailea…
Argentinako Los Fabulosos Cadillacs musika-taldearentzat egiten zuen lana ikusi nuenean, erabat txundituta utzi ninduen. Taldea ezagutzen nuen, Mexikon haiekin batera jo nuen 1992an. Haien managerrarekin gertatu nintzen Los Angelesen, eta marrazkilariaz galdetu nion. "Bai, motel, Mexikon ezagutu huen! Foro Aliciaren afixa guztiak egiten dituen morroia!". Alderete, komikilari baino, ilustratzailea da, afixak egiten ditu, disko azalak eta hau eta hura. Komiki tirak ere eginak zituen, baina honen moduko lan mardulik ez. Hala ere, berarekin kontaktatu nuen. Jorgek Buenos Airesen jotzen ikusi ninduen, Cemento mitikoan, Todos Tus Muertos-ekin, eta hartatik ezagutzen ninduen. Asmoa azaldu nion, eta gidoia eskatu zidan. Jaso zuen, eta emazteari erakutsi zion. Galerista eta arte-kritikaria du emaztea, Mexiko DFn. Laster esan zidan Jorgek: "Fermin, nik ilustratzeko egina dela ematen dik, baina egia esan behar diat: andreak esan zidak lan hau bai ala bai egin behar dudala". Beraren etxean nuen aliaturik handiena! Zail xamarra izan da elkarrekin lan egitea, distantziagatik. Baina Skype bidez jardun dugu, Bartzelonan ere izan ginen, DFn ere denbora eman dut berarekin... Zoragarria izan da Jorge Aldereterekin lan egitea. | news |
argia-38843b526c1d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/hemengo-beste-falcianiak.html | Hemengo beste Falcianiak | Juan Mari Arregi | 2015-02-22 | Hemengo beste Falcianiak
Egunotan HSBC bankuko 203 herrialdetako 106.000 bezeroen –iruzurgileak eta iheslari fiskalak–; zenbait izen filtratu dituzte hedabideek; 200.000 milioi dolar zituzten euren kontuetan. 9.187 Frantziako Estatuko bezeroak dira, 2.694 Espainiako Estatukoak, eta 169 euskal herritarrak. Hori guztia ezagutu da Hervé Falcianiren lanari esker, informatikaria eta banku suitzarreko langile ohia. Bere burua arriskuan jarriz, bankuan gordetzen ziren datu sekretuenak eskuratu zituen. Enpresari, bankari, narkotrafikatzaile, politikari, aktore eta kirolari aberats askok hortxe dituzte euren diruak. Bada, informatikariak dio 106.000 iruzurgileak izebergaren punta baino ez direla.
Ondo legoke Euskal Herrian ere jakitea zein diren pertsona boteretsu eta aberats horiek, gure diru-kutxa publikoei iskin egiten dieten enpresari, bankari, notario, mediku eta abarren izenak. Horiek iruzur egiten duten bitartean, langileek beren nomina eskasarekin aurre egin behar diete eguneroko zergei. Foru aldudientako arduradunek esana dute hemen ere iruzurra badagoela, Suitzara joan behar izan gabe. Eta badituztela beren zerrendak. Horiek publiko egin beharko lirateke, iruzurgilea delinkuentea baita, osasun publikoari, hezkuntza sistemari eta zerbitzu sozialei eraso egiten diena, langabetuak, pentsionistak eta behartsuak kaltetzen dituena. Jendarte osoaren kontra ari den pertsona da.
Foru aldundiek ez badituzte publiko egiten zerrenda horiek, ez al da egongo euskal Falcianirik horiek lortu eta filtratuko dituena? Egungo araudiak dio hori delitua litzatekeela, baina herritarrentzat –eta eurek dute subiranotasuna– lan eredugarria eta solidarioa litzateke, eta inolaz ere delitua. Delitua behar luke zerrenda horiek ezkutatzea. | news |
argia-718180588cff | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/odoleko-burdina-neurrian-izateko-zer-jan.html | Odoleko burdina neurrian izateko zer jan? | Jabier Agirre | 2015-02-22 | Odoleko burdina neurrian izateko zer jan?
Burdinarekin lotuta dagoen osasun arazorik ezagunena anemia ferropenikoa da. Hainbat sintoma ditu: nekea, ahuldade muskularra eta orokorra, suminkortasuna, zurbiltasuna, apetitu galera, goragaleak, beherakoak, ahoko ultzerak edo ile-galera, nabarmenenak aipatzearren.
Beste muturrean dagoen arazoari, odolean burdina gehiegi izateari, hemokromatosia esaten zaio. Akats genetiko batek eragiten du, eta kasu askotan burdinaren absortzio egokia eragozten du. Anemiak baino pertsona gutxiagori erasaten dio.
Burdina ezinbesteko osagaia da bizitzarako. Haren kopuruak balore batzuetatik gora edo behera egitean, osasun arazo larri askoak sor daitezke. Burdinaren pilaketa toxikoa gerta daiteke gorputzarentzat, zelulen zahartze prozesua bizkortu eta hainbat organoren funtzioa oztopatzen baitu. Kasu horietan ezinbestekoa da tratamendu medikua hartzea eta dieta zaintzea.
Dieta aldatu, baina nola?
Elikaduran egin beharreko aldaketek albo-ondorio bat izan dezakete: ezinbesteko mantenugai batzuk behar baino kopuru txikiagoan hartzea. Horregatik, dieta aldatu baino lehenago komeni da dietista edo nutrizionista batengana joatea; aditu horrek adieraziko digu nola murriztu hartzen dugun burdina, bestelako okerrik egin gabe.
Hemokromatosiak jota dagoen pertsonak honakoa galdetzen dio bere buruari: osasungarria da nire jan-neurritik burdinez aberatsak diren elikagai guztiak kentzea? Erantzuna ez da hain sinplea: egunero jaten dugun burdina ahalik eta gehien murrizteko, dieta mediterraneo orekatua egin behar da, barazki ugari, fruta freskoa, lekaleak eta zereal integralak janez. Elikagai horiez gain haragi zuria, arrautzak, arraina, azukreak eta koipeak kontsumitu behar dira neurrian. Laburbilduz, hauek lirateke, funtsean, nutrizio-oreka egokia lortzeko eta gorputzari desintoxikatzen laguntzeko bete beharreko baldintzak:
- Burdina asko duten elikagaien kontsumoa murriztu: odolkia, erraiak (gibela), haragi gorria oro har, arrainak eta mariskoak (almejak, ostrak), fruitu lehorrak.
- Burdinaren kelatzaile naturalak (kaltzioa, fitatoak, oxalatoak eta taninoak) mesedegarriak izan daitezke aurrekoekin batera kontsumitzen direnean, burdinaren absortzioa gutxitu egiten delako. Egokia da tea –tanino asko ditu– gosarian edo bazkalostean, gazta freskoa entsaladekin batera, jogurta postre moduan, baita arrozesnea ere.
- C bitamina asko duten zitrikoak eta beste fruta batzuk (laranja, mandarina, pomeloa, limoia, marrubiak, meloia, kiwia, anana...) otorduen artean hartu behar lirateke, beste janariekin nahastu gabe alegia.
- Kontuz burdinaz aberastu edo indartutako elikagaiekin. Ondo aztertu etiketak, eta erabat baztertu horrelako elikagaiak.
- Murriztu azukrea, era guztietako jaki gozoak eta produktu azukredunak.
- Gibelerako elikagaiak. Gibela da burdinaren eta beste osagai batzuen metabolismoan parte hartzen duen organo nagusia. Horregatik, haren funtzioa indartu dezaketen elikagaiak (eskarola, endibiak, kardua edo txikoria) oso egokiak dira odoleko burdina kopurua handia den kasuetan. | news |
argia-c292159a16c7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/zirkulutik-espiralera.html | Norberarengan sinestea, armarik indartsuena | Iker Barandiaran | 2015-02-22 | Norberarengan sinestea, armarik indartsuena
Anestesia
Bonberenea Ekintzak, 2015
Rocka, bere zentzu zabalenean, oso eremu aldakorrra eta desorekatua da milaka arrazoiengatik. Era berean, pertsona batek baino gehiagok osatzen duten proiektuak iraunkorrak bilakatzea zeregin aski zaila da, interes, behar eta egoera pertsonal askok iraute hori baldintzatzen dutelako. Are gehiago, proiektuak trukean partaideei ematen diena zenbatzeko edo ukitzeko zaila bada. Asko eman behar du norberak proiektuak iraun eta motibazioa biderkatuta emaitza hobetzeko. Musikaren esparruan asko aipatu izan da badirela estilo konkretu batzuk –erritmoz eta intentsitatez lasaiagoak direnak– urteek aurrera egin arren, emaitza parekoa izatea posible egiten dutenak. Eta ez, aldiz, gainontzekoetan.
Anestesiak asko du gogoeta horietatik, baina bere existentzia eta praktikekin gauza asko erabat gezurtatzen ditu. Taldea sortu zenetik 27 urte betetzear dauden arren, agertokira igotzen diren bakoitzean –guztietan– hastapenetako ilusio eta motibazio bera transmititzen dute, itzela. Eta, badirudi, urteak pasatzeak ez diela indarrean, energian eta irmotasunean ezertxo ere eragin; nik alderantziz esango nuke, are eta irmoagoak eta basatiagoak dira gaur egun. Aipatuko nuke, baita ere, taldearen hiru sortzaileak –Mikel, Dani eta Beloki– ez direla zahartzen, baina hori beraien sekretuaren parte da.
Inguruko eta kanpoko ezerk eragiten ez dion makinaria da Anestesia, bere erloju, bihozkada, egutegi eta elikadura propioa duena, bakarra. Albiste dira egunotan beraien seigarren lan luzea, Zirkulutik espiralera (Bonberenea Ekintzak) kaleratu dutelako, Terapia argitaratu zutenetik bederatzi urtera. Bitarte horretan lauzpabost kontzertu egin dituzte beraiek nahi izan duten toki, baldintza eta giroetan.
Halabeharrez, taldearen aurpegi eta erreferentea Mikel Kazalis da, proiektu hau jaio aurretik Espainiako Estatuko thrash-metalaren aitzindari Estigia taldea sortu zuena. Gerora horren ibilbidea eten egin zuten eta Kazalisek lehen aipatutako bi lagunekin Anestesia cerebral eta Moralidad maketa gordinak kaleratu zituen, Mikelek berak gaztelaniaz abestuak. Baina arazo batzuk medio abesteari utzi behar izan zion. Bitartean, Fermin Muguruzak jaiotzear zegoen Negu Gorriak proiekturako fitxatu zuen.
Ordurako, Anestesiak euskarazko kantuekin grabatuta zuen Toki berean EPa, Hardcross eta Esan Ozenkik elkarlanean kaleratutakoa. Hortik aurrera, zarauztarrek thrasha, metala eta hardcorea gizarteratzeko egindako lan itzela publiko gisa gorpuzten joan zen eta Esan Ozenkirekin elkarlanak luze jo zuen: Gorrotoaren ahotsa (1993), Erantzun (1995), Gu (1997) eta Ultrakomunikatzen (2000).
Kazalisek Anestesiaren ibilbidea –garrantzitsuena eta berezkoena– beste proiektu sendo batzuekin tartekatu izan du (Negu Gorriak, 2Kate, Kuraia eta Matxura) eta bidean Ibon abeslari-piztia batu zitzaien, baina Anestesia beti egon da hor, zutabe bat bezala, inoiz atzerapausorik eman gabe. Halakoa da ere Zirkulutik espiralera azkeneko lana, arrakalarik gabekoa, thrasharen esentzia gaur egunera ekarri eta death, hardcore eta grind-arekin are eta sendoagoa eta bortitzagoa bilakatzen duena, baina era berean, estiloz inoiz baino irekiagoa ere badena. | news |
argia-7dc46e071e57 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/sabin-eizagirre.html | "Berrehun urte barru ere lehengo lepotik burua ibiliko dira Venezuelan" | Miel Anjel Elustondo | 2015-02-22 | "Berrehun urte barru ere lehengo lepotik burua ibiliko dira Venezuelan"
Baten batek eman zion Euskadi Irratiari Sabin Eizagirre jesuitaren izena, eta Hugo Chávezen heriotzaren inguruan mintzatu zen Caracasetik. Hantxe da 1955etik hona, Venezuelako nazionalitatearen jabe, baina "oso euskaldun" sentitzen da. Berriemaile paregabea ezagutu ahal izan dugu Aizarnako (Zestoa, Gipuzkoa) jaioterrira bisitan etorri delarik.
1955ean abiatu zinen Venezuelara.
Orduko Venezuelaren berririk batere ez genuela. Mundu erabat itxian bizi ginen jesuitak, ikasten jardun genuen bitartean, bai Loiolan (Azpeitia) bai Kolonbian. 1955ean ailegatu ginen Venezuelara, eta han diktadura zegoen, Pérez Jiménezena. 1958an hura erori eta demokrazia aldia hasi zen, egoera trankildu zen. Petrolioa nazionalizatu zen, eta garai ona izan zen. Venezuelan ez da izan ondoko beste herrialdeetan bezalako egoera nahasirik. Demokrazia izena duen hori izan zen, eta ondo.
"Demokrazia izena duen hori"…
Hainbeste injustizia eta hainbeste pobre, hainbeste diru daukan nazio batean… Nola esan horri demokrazia? Inolaz ez.
Hugo Chávez hil zenean izan genuen zure berri Euskadi Irratian, berriemaile jardunean. Nolako egoera da gaur egun Venezuelan?
Ni ez naiz analista politikoa, baina beti esan ohi dut nola Venezuelak petrolio asko duen, bada, behin ere ez dutela bakean lagako. Oraintxe, petrolio erreserbarik handienak munduan Venezuelak dauzka, Orinocon sekulako petrolio pila deskubritu dute. AEBak zergatik daude, bada, Ekialde horretan, Iraken eta bestetan? Petrolioa mugitzen delako. Horixe esaten dut nik: alde batetik, petrolioak inportantzia ematen diola Venezuelari, eta bestetik, petrolio hori nahi dutela beste nazioek, AEBek batez ere. Venezuela gora eta Venezuela behera, petroliogatik da. Kolonbiaren ondoan kultura eskasa dauka Venezuelak. Latinoamerikako Grezia deitzen diote Kolonbiari. Bolivia, Ekuador… pobreagoak dira. Brasil eta Argentina indartsuagoak dira, terreno gehiago eta aberastasun handiagoa dutelako. Txile ere, Venezuelaren aurretik beti. Venezuelak berriz, horixe, petrolioa!
Petrolioaren diruak ez du gizarte ezberdintasunik ezabatzen.
Esan ohi da, mundu guztian ere, ezberdintasunik handienak Latinoamerikan direla, ez Venezuelan bakarrik. Horrekin batera, esaten dute, kontinenterik kristauena dela, eta kontradikzioa bada ere, injustiziarik handienak dauden kontinentea omen da. Diru asko dauka Latinoamerikak, baina gaizki banatuta. Venezuelan, esaterako, Bolivian eta Ekuadorren baino desoreka handiagoak daude, askoz ere aberastasun handiagoa dagoelako Venezuelan. Eta zenbat eta aberastasun handiagoa, orduan eta desoreka handiagoa aberatsen eta pobreen artean. Horixe gertatzen ari da Brasilen.
Gizarte ezberdintasun handien artean, pobreen alde saiatu zen Chávez.
1992an kolpea eman zuenean, ezker aldekoa zen haren literatura, dena kuestionatzen zuen. Garbi ikusi zuen kapitalismo neoliberalak ez zuela irtenbiderik Venezuelan. Uste dut horretan arrazoi zuela. Bestalde, ikusi zuen sozialismo errealek ere ez zutela aurrerabiderik eskaini Errusian, Kuban, Korean… Orduan, "XXI. mendeko Sozialismoa" asmatu zuen. Laster etorri zitzaizkion kritikak, marxismoak frakasatu zuela ikusi arren, bide hari segitu nahi izan ziolako. Nire interpretazioa da Chávezek behin ere ez zituela herrialde horiek segitu nahi izan, sozialismo berria nahi zuela, herrialde horiek egindako hanka-sartzeak zuzendu eta eredu berria egin Venezuelan. Eskuinetik eta ezkerretik etorri zitzaizkion kritikak, gogor. Nire ustez, eta nire ustea besterik ez da, oso zaila da kapitalismoa zuzentzen, sozialismo berria egiten. Alde batetik indar asko dagoelako kapitalismoa defendatzen, eta beste aldetik, sozialismoak gizarte balio bereziak behar dituelako: justizia, altruismoa, humanismoa… "Humanismoa", hitz horixe erabiltzen zuen Chávezek behin eta berriz eta askotan. Zioen kapitalismoak humanismoa kendu egin digula pertsonoi, egoismoa sartu digula barruan. Esaten erraza da, apaizek sermoian egiten duguna da hori, baina errealitatean gauzatzen, oso zaila.
Zer diozu Chávezen ahaleginaren gainean?
Chávezek inork eman duena baino diru gehiago eman du herriaren alde, kontzeju komunalen bidez, banku popularren bitartez, edo hezkuntza misioetan. Zer erabilera eman dio jendeak, ordea, diru horri? Behin, joan zen Chávez Puerto Ordazera, eta kooperatiba bat ikusi nahi zuela esan omen zuen. Eta, hantxe, Venalum, burdina eta altzairu lantegi handia. Bilera egin bertako kooperatibistekin, eta zaborra biltzeko sistema garatu nahi omen zuten. 300 milioi bolibar berriren kreditua eskatu zutela esan zioten. "Eta hasi al zarete produkzioan?", Chávezek, eta "ez, oraindik ez. Kamioi bat erosi dugu, beharko dugu-eta, eta zelular bana. Orain beste kreditu bat eskatuko dugu, produzitzen hasteko". Eta Chávezen haserrea! Baina horixe da Venezuelako kultura. Nik esaten nuena: "Egun batean, Chávez haserretuko duk, desesperatuko duk eta suizidatu egingo duk, herri honekin aurrera egitea oso zaila da-eta!". Motxean esanda, nik esaten dut Venezuelak ez dakiela produzitzen, petrolioaren errentak gastatzen dakiela. Elikagaien %70 inportatu egiten dugu. Makineria, ordezko piezak (autobusak, kamioiak, autoak…), inportatu egiten ditugu, denak. Sermoia bai, guk, "Venezuelan egina", baina horixe, sermoia.
Hezkuntza izan duzu zure lan-arlo. Hezkuntzak, oro har, fruiturik ematen du?
Ez. Sermoi hori ere oso sartuta dago hango politikarien artean. Hezkuntza da beti soluzioa. Hango hezkuntza ez doa ondo, prestakuntzarik gabeko irakasleak direlako hangoak. Eta, inoiz, "aurten ez dago Fisikarik" esango dute eskola batean, irakaslerik ez dagoelako! Zientzia aldetik, prestakuntza eskasa. Urtean ehun eskola-egun behintzat behar direla diote: ez gara behin ere ailegatzen, bateko aste santu, besteko opor… Guri festa gustatzen zaigu, ez lana, ez eskola: festazale hutsak gara Venezuelan. Ez dago seriotasunik. Politikarientzat erraza da esaten, soluzioa hezkuntza dela, baina hezkuntzak tailerretara ailegatu behar du, enpresetara, politikara… Hezkuntza ez da bakarrik eskola, neska eta mutil-koxkorrentzat, ez, denentzat da. Hezkuntza soluzioa? Prediku faltsua da hori, nire iritziz.
Fe y Alegría erakundean jardun duzu.
Beste inork ez duen seriotasuna du horrek. Jesuitak eta mojak dabiltza, gehienak Espainiatik joandakoak. 1955ean fundatu zuen Fe y Alegría Jose María Vélaz euskaldunak. Txilen jaioa zen, hala ere. 13 urte zituela etorri zen Euskal Herrira, eta Tuteran ikasi zuen. Jesuita izan zen. Hezkuntza popularra hartu zuen asmoa, dotrinarekin bakarrik ezer ez zegoela konbentzituta. Eskola hasi zuen, batak eta besteak emandako mahai, aulki eta estalpea baliatuta. Gaur egun, hamasei naziotan ditu eskolak. Vélazek ikusi zuenean eskola haietan erakusteko jenderik ez zeukala, hona etorri eta hemengo komentuetatik eraman zituen mojak: "Zuk zer egiten duzu korridore garbitzen, lehen ere garbi daudenak? Zu zer ari zara sukaldean laguntzen, sukaldaria bera nahikoa denean? Zer ari zara zu, errezatzen?"… Sekulako moja mordoa bildu zuen, Fe y Alegrían lan egiteko, munduan barrena. Eta moja haiek ere gustura, aspertuta zeuden-eta nagusiaren mende, aginduak betetzen! Horixe izan zen Vélazen asmakuntzarik handiena.
Mojak, beraz.
Mojak? Gauzak zuzen, administrazioa egunean, kolegioak serio, patioak garbi, lorategiak eder… Orain zahartu egin dira, ordea. Hala ere, bertako sekularrek asko ikasi dute moja haien eskutik. Mojek bezalako mistikarik ez dute sekularrek, jakina. Mojek egun osoa zuten lanerako, jai eta aste; sekularrek ez, sekularrek familia dute, bestelako obligazioak. Oraingo Fe y Alegría haien esku dago. Jende ona… Hala ere, Fe y Alegría oasi bat da Venezuelako hezkuntzan. Denek nahi dute bere umea hara eraman, eta lekurik ez. Kalitatea du, baina ez hemengoarekin konparatzeko modukoa, hori ez.
Zer da pobre izatea?
Jatekorik nahikoa ez edukitzea, adibidez. Batzuek, gutxik, gosea pasatzen dute. Beste batzuk gaizki janez bizi dira. Konparazio batera, nire lagunik handiena soldatzailea da, lau ume ditu. Uste dute auzoko familiarik onenetakoak direla. Goserik ez. Etortzen da etxera arratsaldeko seietan, bi ogi hartuta. Eta bi ogi horiekin eta kafe pixka batekin afaltzen dute, eta gosaltzen dute: ogia eta kafea eta lanera. Horixe da pobrezia. Osasunean, berdin, medikua pagatzeko edo medizinak erosteko dirurik ez daukate. Hezkuntzan, libururik ez daukate. Orain gobernuak ematen ditu liburuak, baina beraren ideologiakoak! Baina umea etxera joan eta ez dauka aulkirik, ez mahairik ikasteko. Lurrean jarri eta, belaunen gainean koadernoa, eta hantxe estudiatzen. Askotan, lapitzik ez boligraforik ez dute. Zer ikasiko dute, bada? Pobrezia. Etxea, berriz, edozer gauzari esaten diote han etxea. Desastrea da hura! Zikina batetik, eta itxurazko paretarik ez, itxurazko oherik ez. Horrela bizi dira gehienak Venezuelan. Hemen ere ba omen dira pobreak. Nik ez ditut ikusten, bada! Hemengo pobrezia lanik gabe gelditzea da. Eta, hala ere, ez dut ikusten hemen. Han, berriz, sudurra atera eta bazter guztietan usaintzen da pobrezia auzo horietan.
Zein kolore dakar etorkizunak?
40 urtean, demokrazia izan genuen. Gero, etorri zen Chávez, eta hark ere ez zuen konpondu. Oso gaizki gaude, dena falta! Ustelkeria handia, gaitasuna txikiegia… Venezuelak diru asko dauka, baina ez daki administratzen, ez gobernuak, ez familiak, ez inork. Ez dago hemengo arrazionaltasunik, gauzak zuzen egiteko, dirua aurrezteko, gauzak hobetzeko. Nola gainditu egoera?
Tartean behin itzultzen zara Euskal Herrira. Baduzu hemengo berri. Nola ikusten gaituzu?
Lehen lau urterik behin etortzen nintzen. Gero, hiru urterik behin… Orain dela bi urte ere hemen izan nintzen, baina oraingoa salbuespena da. Ondo komunikatuta gaude, internet eta skype bitartez, eta hemengo berriak beti dira berak: "Erromara goaz… Afrikara goaz…". "Ez didazue batere inbidiarik ematen, hain gustura sentitzen naiz ni hemen, egiten ari naizen lanarekin!". Baina, barru-barruan, sinesmena da! Caracaseko jende pobrearekin egoteak poz handia ematen dit niri. Hemengo erraztasunak ez dit batere inbidiarik ematen. Bestalde, hango zibilizazioa ikusi, eta hemengoa, eta ezinezkoa dela uste dut. Berrehun urte barru ere lehengo lepotik burua ibiliko dira Venezuelan, hemengo arrazionaltasunik ez dago-eta. Horixe esaten zuten garai bateko misiolariek, hango jendeak ez zuela arima arrazionalik! Kar, kar… Maldiziorik handiena da hori esatea, baina horixe esaten zuten. Hainbesteko diferentzia dago handik hona! Hemen dena zuzen dago, dena txukun, dena planifikatuta… Han, berriz, dena da azpigarapena. Hemen dena da perfektu, han dena da inperfektu.
Zoriontasunaz ere baduzu zeure iritzia…
Nik esandakoak aditu eta batek pentsa lezake haiek zoritxarrekoak direla, zorionekoak garela hemen. Bada, deskuidatuz gero, pozikago bizi dira han zailtasunen artean, hemen jende asko erraztasunen artean baino. Hangoen idiosinkrasia ezberdina da. Zapatuan lanetik irten, lagunartea osatu han edo hemen, zopa bat egin barazki eta oiloarekin, eta zerbeza! Eta mozkortu, eta pozik! Eta entenditzen dut mozkortzea, zer edo zer behar dute-eta entretenitzeko. Han ez dago hemengo autoa hartu eta batera eta bestera joatea jatera. Han pozik bizi dira, guk baino gutxiago eskatzen dute-eta. Hemen baino lasaiago bizi dira, hemen beti presaka zabiltzate, beti lanpetuta… Dena ez da pobrezia edo aberastasuna. Pertsona bat kontentu bizitzeko badaude beste gauza batzuk ere. | news |
argia-ce56d17e0d7f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2450/uraren-zientzia-eta-kontzientzia.html | Uraren zientzia eta kontzientzia | Joxerra Aizpurua | 2015-02-22 | Uraren zientzia eta kontzientzia
Uraren garrantzia gizakiontzat ez da oraingoa, eta ondorioz kudeatu egin behar izan dugu beti. Orain bi mila urte erromatarrek akueduktuak egiten zituzten ura garraiatzeko, eta guk tutueria sareak erabiltzen ditugu horretarako; bizitza uraren inguruan antolatzen dugu. Ura hartu, erabili eta bota egin dugu urteetan, mendeetan barrena. Gaur, xahutzeari uztea eta berarekin orekan bizitzea baino ez zaigu geratzen.
Euskal Herrian, oro har, gure elkarrizketa gaien artean ura aipatzen denean, euriaz edo eguraldiaz ari garelako izan ohi da. Lehorte bolada heldu izan denean ere, eragin handiagoa izan du baratzeetan, gure etxeko kaniletan baino. Beraz, kaniletatik sartzen zaigu ura etxean, eta harraskatik nahiz beste zuloetatik ateratzen, beti, erregularki, eta ez zaigu aparteko kezkarik sortzen.
Jakin badakigu urtegiak, araztegiak, ur tutueriak, buxadurak eta ihesak kudeatzen dituzten enpresa publikoak edo erdi publikoak badirela, eta halaber, ur zerbitzuengatik faktura jasoko dugula etxean periodikoki. Ipar Euskal Herrian Hegoaldean baino lauzpabost aldiz gehiago ordaintzen dira ur zerbitzuak, eta Europako Batzordeak uraren kudeaketaren alorrean aholkatutakotik hurbilago daude prezio horiek, Hegoaldekoak baino, nahiz eta batek baino gehiagok harridura adierazten duen errealitate horren aurrean.
Nola liteke naturak doan eskaintzen digun produktu bat erabiltzeagatik, demagun lau lagunez osaturiko familia batek 40-50 euro ordaintzea hilero Iparraldean eta 8-10 euro baino ez Hegoaldean? Urtegiak, tutueriak, araztegiak eta uraren tratamendua, esaterako, ez al dira antzekoak?
Urari lotutako zientziak eta teknologiak ez dute lurraldeen artean dauden prezioen aldea justifikatzen. Aldiz, uraren erabilera neurtuak, urarekiko errespetuak eta azken finean naturari kentzen dioguna ahalik eta egoerarik txukunenean itzultzearen kontzientziak gure patrikak gehiago edo gutxiago hustu behar izatea eragiten dute. Eta kontzientzia aipatzen dugunean ez gara norbanakoen jarrera soilaz ari, gizarte osoaren jarreraz baizik, norbanakoenaz, udalenaz, gobernuenaz eta enpresenaz.
Ondoko lerroetan uraren osotasuna azalduko dugu eta horretarako Donostiako Eskola Politeknikoko irakasle eta ikerlaria den Jabier Almandoz doktore ingeniariaren laguntza izan dugu. Esan gabe doa gure azterketan ur edangarriaz jardungo dugula, urari alderdi askotatik hel bageniezaioke ere.
Ikuspegi orokorra
Azpiegituren gaineko ikuspegi orokorra azaltzeko, uraren inguruko hiru kontzeptu behatuko ditugu: harguneak edo iturriak, hirien barneko banaketa-sarea eta erabilitako urak.
Hiritarrontzat uraren "produkzioa" harguneetan hasten da, hau da, urtegietan, ibaietan edo ur putzuetan. Oro har, Euskal Herriko hargune kopurua nahikoa da egun dagoen populazioa asetzeko. Araban eta Nafarroan ditugu urtegirik handienak, eta beste zenbait eskualdetan daudenekin batera, nahiko ur pilatzen da.
Urtegietatik hirietarako tutueria eta ponpaketa sarea ere baldintza onetan dago, batez ere azken hogei urteotan egindako lanei esker; adibide bat jartzearren, gaur egun urtegietatik ateratzen den ia ur guztia heltzen da hirietara, 80ko hamarkadan, ordea, ia erdia galtzen zen bidean.
Azpiegitura horiek direla medio, Euskal Herriko hiri gehienek ongi egiten diote aurre lehorte boladei, baina badaude salbuespenak, eta deigarrienak ura soberan dagoen lekuetan gertatzen dira askotan; adibidez, Nafarroa iparraldeko hainbat herritan uraren harguneak ez dira planifikatu hamarkadetan eta lehorte garaietan egoki erantzuteko ezintasuna dute.
Urak hirietara ailegatzean, ur deposituak, ponpaketa guneak eta banaketarako tutueria aurkitzen ditu. Maila horretako azpiegituretan ere, hiriek azken hogei urteotan hobera egin dute oso. Egoera orokorra, beraz, nabarmenki hobea da, hiri batetik bestera alde handiak daude ordea. Desberdintasuna neurtzeko zenbait parametro erabili ohi da, eta ikuspegi orokorraz jabetzeko, balantze hidrikoa delakoa baliatzen da; hau da, hiri batera heltzen den uraren eta kontsumitzen den uraren arteko erlazioa neurtzen duena. Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta partzuergoak edo mankomunitateak uraren kudeatzaile diren neurrian, balantze hidrikoa %80tik gorakoa da. Aldiz, hiri ugaritan %50 inguruan dabil oraindik. Non galtzen da ura? Nagusiki horren errudun ihesak baldin badira ere, badira anitz lekutan ur lapurrak ere, hau da, ur kontagailurik gabe kontsumitzen dutenak. Balantze hidrikoari buruzko datu batzuk emate aldera, Gasteizen %85 ingurukoa dute, eta Donostian, batez beste %80koa. %100eko balantze hidrikoa ezinezkoa dela esan liteke eta %95etik gorakoa duenik ere nekez aurkitzen da.
Aipatu dugun indizearen barruan ura banatzeko azpiegitura eta logistika dago, hau da, zer-nolako tutueria-sarea dagoen auzo bakoitzeko, tutuek zenbat urte dituzten, zein materialez eginda dauden, zenbatean behin berritzen diren, zenbat lagun jartzen diren horretara lanean, zer non eta nola jarri behar den pentsatzen ote den, zer aurreikuspen egin daitekeen…
Azkenik, erabilitako uren berri ematea dagokigu. Urok araztegietara bideratzen dira; horietan behar bezala tratatu ondoren, ura ibaietara edo itsasora isurtzen da. Ur edangarriaren azken fase honetan izugarri aurreratu da azken 30-40 urteotan, urrun utzi baititugu ur zikinak (eta bestelako zaborrak) zuzenean ibaietara eta itsasoetara isurtzen genitueneko garaiak. Hala ere, badugu oraindik zer hobetu, hauxe baita uraren katean kate-begirik ahulena.
Laburbilduz, Euskal Herriko ur edangarrien azpiegiturak hobetu egin dira esponentzialki azken 20-30 urteotan, eta beraz, lan faraonikoen etapa amaitutzat eman beharko litzateke datozen urteetan. Aurrerantzean, dagoena hobetzea, kudeatzea, eguneratzea, planifikatzea eta ingurumenarekiko egoera jasangarria mantentzea izan beharko lukete erronka nagusiak.
Ura bizitza da
Topikoa badirudi ere, uraren inguruan bizitza dagoela gogoratu beharra dugu ezinbestean. Ibaiei ura gure probetxurako kentzen diegunean, ekosistemetan eragiten ari gara, gutxi edo gehiago.
Ura hirietan barrena barreiatzen dugunean, eta gure bizimodua ziurtatzearekin batera industriaren antolamendurako ere baliatzen dugunean, ura naturari egoera onean itzultzea da egin dezakegun gutxienekoa. Baina ez da horrela gertatzen. Bestela esanda, ahalik eta kudeaketarik onena egin beharko genuke, ahalik eta gutxiena hartu, ahalik eta garbien itzultzeko.
Nola egin liteke hori? Hasteko eta behin, ahalik eta gutxien hartzeko, ahalik eta gutxien kontsumitu behar dugu. Auzuneetako tutueria sareak beharrekiko proportzionala behar du izan, eta sarearen gainean eguneratze estrategia antolatu behar da. Beraz, gizakion borondatearekin batera, lurpean dugun tutueria sarea ere antolatu, planifikatu eta eguneratu egin behar da. Auzo berrietan tutueriak berri samarrak eta material egokiz fabrikatuak dira, baina zonalde zaharragoetan, zer esanik ez auzo eta gune historikoetan, 100 urtetik gora duten burdinurtuzko tutuak aurki daitezke, edota amiantoa duten fibrozementuzko tutuak, sarritan erdi buxatuak. Legedi berriaren arabera, fibrozementuzko tutueria aldatu beharra dago, baina oraindik ere proportzio garrantzitsua du sarean.
Nolanahi dela ere, tutueria ez da betiko, eta noizean behin berritu egin behar izaten da. Udaletan diru kopuru bat aurreikusi beharko litzateke tutueriaren portzentaje bat aldatzeko urtero, baina krisialdiak ez dira garairik onena herrietan ordezkatze estrategiei heltzeko, eta beraz, gaur duela zortzi urte baino azpiegitura zaharragoa dugu.
Azpiegituraren Balioa indizearen bidez, tutueriaren eguneraketa neurtzen da. Guztiz berria den zatiari 1 indizea esleitzen zaio, hortik beherakoa urteak kontatu ahala. Hiri zaharretan batez besteko indizea 0,5 izateak egoera txukuna adierazten du, baina Euskal Herrian oso leku gutxitan heltzen gara indize horretara. Bizkaiko herri zenbaitetan, akaso. Gure Azpiegitura Balioa hobetzeko baliabideak jarri behar dira uraren alboan; ez bakarrik azpiegiturarako materialak, baita langileak ere.
Etorkizuneko eszena pertsonek planteatu behar dute, eta hori egiteko ikerketa proiektuetan parte hartu behar da, optimizazio sistema informatiko-matematikoak erabili behar dira. Horren ondoren etorriko dira kontuak, zenbateko eta nongo tutueria aldatu behar den eta zein material erabili beharko litzatekeen. Hori guztia abian jartzeko eta mantentzeko, baliabide ekonomikoak behar dira, eta zuhurtziaz pentsatzea da argiaren edo errepideen azpiegiturak ordaintzen ditugun eran, urari dagozkionak ere ordaindu beharko direla esatea. Horretan datza Ipar eta Hego Euskal Herriko biztanleen arteko aldea urari dagokionez. Lehenean ur kontsumitzaileak ia dena ordaintzen du, eta bigarrenean zati txiki bat baino ez. Eta ordaintzeak, batzuentzat tamalez, zaintzea eta kontsumoa gutxitzea dakar. Edo, nahi bada, urari garrantzia ematea eta horren aldeko kontzientzia indartzea. | news |
argia-a1f6957a6361 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/imanol-murua-uria.html | "ETAren berri mundura Madrilgo ikuspegitik iristen da" | Lander Arbelaitz Mitxelena | 2016-02-14 | "ETAren berri mundura Madrilgo ikuspegitik iristen da"
Ekarri armak liburua kaleratu du Imanol Murua Uria kazetariak (Zarautz, 1966). ETAren borroka armatuaren amaiera kontatu du, oso modu garbi eta irakurgarrian. Berrogeitik gora elkarrizketa egiteaz gain, erakundeen barne dokumentuak eta kanpo erreferentziak erabili ditu.
2007an ETAk erabaki zuen borroka ziklo luze baterako prestatu behar zuela ezker abertzaleak. Zenbateko garrantzia du Batasunatik ETAri aurre egin izanak?
ETA su-etenean zegoela Barajasko atentatua eginez Loiolako bake prozesua amaitu izana, nolabait azken tanta izan zen, Otegik Argien Aroa liburuan esan izan duen bezala. Erabakigarria izan zen une batean iritzi horretan zeudenek "aski da" esatea, honaino iritsi gara. Ez zen Batasunako zuzendaritzan zegoen jendea bakarrik. Lehendik hori pentsatzen zuen askok barruan.
Zein dira gakoak eztabaida zatiketarik gabe amaitzeko?
"Borroka armatua amaitu egin behar da, baina denok batera amaitu behar dugu", pentsatzen zuen askok. Denek batera hartu nahi horrek atzeratu du hainbeste erabaki hori. Lizarra-Garaziren amaiera ere mugarria da, batzuek borroka armatua beste begi batzuekin ikusten hasi ziren. 2007-2011 prozesuan, lehentasunen artean jarri zuten zatiketarik ez izatea, baina ez zen lehentasun bakarra. Aurreko urteetan baino ausartago jokatu zuten eta ez zen zatiketarik izan.
"Borroka armatua amaitu egin behar zela, baina denek batera amaitu behar zutela pentsatzen zuen askok"
Zatiketaren arriskua zenbaterainokoa zen?
Ikerketan ez naiz iritsi hori zehaztasunez neurtzera. Testigantzak jaso ditut eta barne dokumentu batzuetan zatiketaren arriskuaz hitz egiten da. Horretan ibili zirenek esanda badakit beraiek behintzat zatiketaren arriskua benetakoa zela ikusi zutela 2009ko amaiera eta 2010eko udaberri bueltan. Garai horretan daude Bateraguneko atxiloketak, herriz herri egindako eztabaidak, Zutik Euskal Herria ... azken hau adostasunez aurkeztu izanak amaitutzat eman zuen arriskua.
ETAren baitan ere eztabaidak izan ziren...
Barne agirietan jasoa dago ETAren zuzendaritzan krisi gogorra izan zutela 2007ko bukaeran eta 2008an. Konponezin hori ez zegoen guztiz lotuta ezker abertzalearen eztabaidarekin. Ez zen estrategia politiko-militarra amaitu ala ez. Eraginkortasun eta funtzionamendu kontuei lotuak ziren zuzendaritzaren barnean zeuden desadostasunak. 2008ko maiatzean barne krisi hori nolabait bukatu zen, Bordelen ETAren zuzendaritzaren zati bat atxilotu baitzuten, Lopez Peña eta beste.
Liburuan iturri gisa darabilzun Endgame For ETA n xehetasun asko dago. Nor da hain iturri onak dituen Theresa Whitfield egilea?
Henri Dunant zentrokoekin kolaboratu izan du, garai batean aholkulari gisa aritu zen. Egun New Yorkeko unibertsitate batean dago. Jakin en gatazkari buruzko ikuspegi ezberdinak jasotzen zituen artikuluen monografikoa argitaratu zuten, eta bertan akademiaren munduan errelatoaren borrokaz idatzi nuen. Ingelesez zer atera den begiratuta, Whitfielden liburu hau nabarmentzen nuen. Ez du oihartzun berezirik izan Euskal Herrian, baina garrantzi handia du liburuak, ingelesez eta ukitu akademikoarekin, ETAren borroka armatuaren amaiera prozesua jorratzen baitu beste ikuspegi batetik, foko handia jarriz nazioarteko eragileetan. Kontakizuna gatazka politiko batean kontestualizatuz egiten du.
"EAJn ez da ikusten egungo ildoaren gaineko desadostasunik, ez da ikusten soberanistarik"
ETAri buruz ingelesez eta gaztelaniaz argitaratzen duten gehienek fenomeno terrorista huts gisa ikertzen dute, eta bibliografiak ikusiz gero, hori da nagusi. Madrilgo ikuspegitik barrena iristen da mundura ETAren berri.
Ekarri armak liburuan irakurri dugu lehen aldiz ETAk IKri indarrak batzeko proposamena egin ziola. Ez zuten erantzunik jaso.
Hala da. ETAk bat egiteko proposamena egin zion IKri eta dokumentu batean ETAk dio inoiz ez zuela erantzun. IK ez zegoen erantzuteko moduan. IK-k ez zuen sekula bere bukaera jakinarazi. Filipe Bidartek esan zidan hori publikoki ez jakinaraztea akatsa izan zela, indar sinbolikoa izan zezakeelako. Halere, jasoa geratu da bi erakundeon artean ezinikusien garaia pasa zela. Hitzez ere kontrastatu dut hala izan zela.
Urkulluk esan zuen: "EAJk politikaren ariketa zoritxarrekoa egin zuen 1998-1999n, abertzaleen arteko indar metaketarako politika egin beharraren argudioarekin PSOE eta PPrekin zubiak hautsiz". Iragarpena dirudi.
Bere ustez hanka sartzea izan zen Lizarra Garazin abertzaleen arteko kontu horretan sartzea. Maria Antonia Iglesias kazetariak jaso zuen. EAJ barnean ez zuten entusiasmo bereziz bizi izan Lizarra-Garaziko prozesua, baina Urkullu ez zegoen oraingo arduretan. Eta Ibarretxeren apostuaz, beste klabe batzuetan, baina berdin. Esperientzia horiei buruzko balorazio kritikoetatik heldu da Urkullu eta bere taldea egungo posizio konformistara, ikuspegi abertzaletik begiratuta. Autogobernua garatzeko Espainiako gobernuarekin bilateraltasuna, nazio forala... Gauden lekuan eta status honekin jarraitzeko apostua egiten duela dirudi.
Nola ikusten dituzu EAJ barneko indarrak?
Egibar eta Imazen arteko lehiaren ostean, bigarrenak hartu zuen gidaritza. Alderdia erdibitua zuen eta zatitzeko arriskua ere izan zuten, baina garbi zuen Imazek nora jo nahi zuen. Urkullu heldu zenean ez dakit nola lortu duen horrelako posturetan egotea, ikuspegi abertzaletik hain txepelak. EAJren pendulu historikoan, beti egon da autogobernu moderatu honen aldeko apustua, Urkullu eta Ortuzar hor daude. Harritzen nauena da penduluaren beste aldea ez ikustea. EAJn ez da ikusten horren gaineko desadostasunik, ez da ikusten soberanistarik.
Lau urte Madrilen PPren gehiengo absolutuarekin, estatutik euskal gatazkarekin zerikusia duen dena blokeatuz, Urkullu Rajoyrengana adeitasun osoz proposamenak egitera joan zaionean mespretxuz erantzun izan dio... Hala ere, harreman bilateral horretan jarraitu nahi dute. Pixka bat harritzen nau.
"PPri edo Espainiako Gobernuari interesatu egin zaie hemen gatazkak jarraitzen duen irudia ematea, beste mami bateko prozesu politikoei bidea trabatzen die"
Liburuan jaso zenuena, Zapateroren garaian Espainiako Estatua konprometitu zela ETArekin hainbat pauso ematera orain aste batzuk Rufi Etxeberriak azaldu du. Zergatik erabaki zuen PPk kontagailua zeron jartzea?
Beharrik ez zuelako. PPri edo Espainiako Gobernuari interesatu egin zaio hemen gatazkak jarraitzen duen irudia ematea. Beste mami bateko prozesu politikoei bidea trabatzen die. Presoen auziari heldu baliote eta konpromisoetan jasoa zegoen bezala preso gaixoak askatu, Norvegiara joan ETArekin hitz egitera presoen hurbiltze eta askatzea pixkana adosteko... ezker abertzalea bera edo mugimendu independentista indar zitekeen. PPk erraz egin zezakeen kalkulu hori...
... baina Zapaterok ere bai, ezta?
Bai, baina Zapaterok bere legegintzaldiaren barruan ETAren borroka armatua amaitzeko aukera zeukan. Garai hartan sekretuan manten zezakeela ikusi zuenez, sartzea erabaki zuen. Rajoyri ordea, lortuta eman zioten. Presoak, desarmea eta beste mila historia dauzka egun, estatu ikuspegitik begiratuta heldu beharrekoak. Baina ikuspegi alderdikoi eta epe laburrekotik begiratuta, interpretazio hori egin dute. Kataluniako arazoa hor daukate, baina Euskal Herrikoa behintzat ez, trabatuago daukate.
Argazkia: Dani Blanco.
2011ko urrian Brian Currinek zera esan zigun ARGIAn : "Ziur nago PPk jarrera eraikitzailea izango duela gobernura heltzean". Honek zeozer jakingo zuen eta ez zuen asmatu.
Zapaterok oso denbora gutxi eduki arren, benetan espero zuten konpromisoetan jasotako neurri batzuk hartuko zituztela. Preso gaixoak askatuko zituztela adibidez, eta ez zuten ezer egin. Adostua zegoen Zapateroren gobernuak hurrengoari konpromisoak pasako zizkiola. Rajoyk arrazoizko gauza esan zuen: albiste ona zela. Baina bere alderdiko belatzei ez zitzaizkien hitz hauek gustatu eta gainera joan zitzaizkion. Mayor Oreja eta hauentzat ez baitzen albiste ona. Orain ikusten da konpromiso batzuk uste baino zehatzagoak zirela eta Rajoyk ezer ez egitea erabaki zuela.
Sortuk dio Espainiako gobernuari eskatuko diola Zapaterok hartutako konpromisoak betetzeko. Nola ikusten duzu?
Ez dakit zein eraginkortasun eduki dezakeen orain eskatzeak orduan hitzartua betetzeko. Ziurrenik ezagutzen ez ditugun klabe batzuk daude hor. Lotu hor esana hurrengo egunean Madrilen Auzitegi Nazionaleko akordio horrekin... baliteke ez dakigun zerbait egotea hor. Imajinatu PPrik gabeko gobernu berri bat dagoela. Hor dauden batzuek adierazi dute presoak hurbiltzeko jarrera. Mesede egiten du esateak hitzartuta dagoela? Beste batzuek ez dute aitzakia izango txantaian erortzen ari direla esateko?
Sortuk EPPKri bidalitako mezua gauza potoloa da?
Zerbaiten aurreko pausoa da, aldaketa baten iragarpena. Esaten du presoek neurri juridikoak jarraitu behar dituztela modu ausartean espetxe auzian aurrera pausoak lortzeko. Hori aurretik esana dago eta kolektiboak esan zuen modu mailakatuan ateratzearen ereduarekin bat zetorrela. Eskaerak egiten hasi ziren. Baina adierazi zutenean eman gabeko pauso juridiko batzuk eman behar dituztela, adierazten du aldebakarretasunaren bidetik marjen bat badagoela aitortzen duela Sortuk.
Kolektiboari bide horretan orain arte egin duena baino gehiago egiteko eskatzen dio. Terminologia politikoan gauzak nahiko ilunak izan ohi dira, eta ezker abertzalea ere ez da txarra opakoa izaten. Baina, zerbait iragartzen du. Gero dio espetxe fronte izatetik estrategia independentistan eragile izatera igaro behar dutela. Hori gero zertan mamitzen den ikusi behar.
Eta Segurako Auzian lortutako akordioari zer traza hartzen diozu?
Ez dakit aurrekoarekin lotu daitekeen kausetan, baina ondorioetan bai. Trabatuta eta guztiz blokeatuta egon den gatazken ondorioen tren honetan, bi egunetan ikusi dugu zerbait mugitu dela. Batetik, Etxeberriak aldaketa eskatu duelako, eta Madrilen ikusi dugulako orain arte eman ez den akordio eredu bat.
Bilduren legeztatzea lortzeko, EAJk Madrilen presio egin zuen. Egun, dispertsioaren gaian nola ikusten duzu EAJ?
Bilduren legeztatzeari buruz EAJk izan zuen paperaz galdetu izan diedanean, ekarpen positibotzat saldu izan dute arrazoiz. Modu aktiboan saiatu zirela. Ezingo dute antzeko ezer esan sakabanaketaren gaian urte hauetan izan duten jarreraz. EAJk bere garaian sakabanaketarekin erantzukizun politiko handia izan zuen, diseinatu eta babestu egin zuelako besteekin batera. Gerora, jarrera aldatu du eta aurkako diskurtso argia izan du. Baina erabaki du hor ez duela ezer irabazteko. Politikariek gutxitan esplizitatzen dituzte beren posturak termino horietan, baina horrela da. "Hori ezker abertzalearen arazoa da, eta konpondu gabe duten bitartean beraiek kakaztuta egongo dira".
Ezker abertzale barruan estrategia aldaketarekiko erresistentzia bat egon zen. Zertan da hori?
Nik 2007-2011 ikertu dut, ez egungo desadostasun hauek. Egungo eztabaidak eta desadostasunak ez dira termino beretan ematen, baina nire ustez, orain garai hartan baino gehiago kanporatu diren desadostasun hauek, 2009-2010 hartan ezker abertzale barnean egin ziren eztabaidetako desadostasunetan dute jatorria. Horien eboluzioa dira neurri batean. Orduan desadostasuna zen estrategia politiko-militarra amaitu edo ez amaitu. Orain gehiago dira presoen auziari nola heldu, edo behintzat horretan kanporatu dira. Ziurrenik gatazkaren ondorioen arloan beste bide bat egin balitz eta presoen kontua ez balitz hain blokeatua egon, ez ziren horrela kanporatuko. Garai hartan erabaki batzuek gehiengoz hartu ziren eta gutxiengoan geratu zirenek onartu egin zuten. Baina egun, presoen gaian frustrazioa handitu denean, ulergarria da orduan baino gehiago kanporatzea.
"Ezker abertzale barnean orain kaleratu diren desadostasun hauek, 2009-2010 hartan egin ziren eztabaidetako desadostasunean dute jatorria"
Zer lortu nahi izan zuen estatuak Bateragune auziko kideak atxilotuta?
Galdera ona. Bi hipotesi daude. Batetik, zatiketa lortu nahi zuela; eta bestetik, ahuldu eta bazterrak trabatu. Garbi dago ez zutela nahi borroka armatuaren ondoren, mugimendu independentista ezkertiar indartsu bat ateratzea. Hori trabatzeko modu ezberdinak daude. Erabakia bera trabatuz edo urak nahasiz eta kontraesanak sortuz. Trabatzera joan ziren, ez nuke esango ETAren amaiera eragotzi nahi zutenik, baina bai, interesatzen zitzaiela ikuspegi alderdikoi batetik begiratuta, beren legegintzaldi barnean amaitzea. Hor esango zuten: "Amai dadila, baina ez beraiek nahi duten moduan; ongi ahulduta eta ahal bada, zatiketa lortuz, baina hori ez bada lortzen, ahulduz".
Zenbateraino eragin dezake guztien askatasunak gaur egungo ezker abertzalearen egoera delikatu honetan?
Rafa Diezek eta Arnaldo Otegik, baina batez ere bigarren honek, erreferente garbi bat emango diote ezker abertzaleari. EH Bildu Otegiren zain dago, eta gainera, inhabilitazio hori gainditzeko modua egon daitekeenez, zirrikitu legalen bidez eta hauteskunde autonomikoen aurretik aterako denez, ikusiko dugu. Azken hauteskundeetan izandako emaitza txarren ondoren, eztabaida sakonagoak eduki edo faktore gehiago hartu beharko dituzte kontuan. Lider argi baten falta dago, eta Otegik leku hori bete dezake. | news |
argia-e9557ef38d44 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/jesus-ahedo-arte-galerista.html | "Gaur egun kolonialismoa askoz itogarriagoa da Afrikan" | Jabi Zabala | 2016-02-14 | "Gaur egun kolonialismoa askoz itogarriagoa da Afrikan"
Blues musikak eraman zuen Jesus Ahedo Afrikara, eta han ezagututako artearen lilurak Bilboko Kalao galeria sortzera. Oraintsu hamar urte bete ditu arte afrikar garaikidean berezitutako Euskal Herriko areto bakarrak. Arte afrikarra gutxietsita dagoela salatzen du Ahedok, aukera duenean. Hala ere, gutxiespen horri "esker", kontinenteko lehen lerroko artistak ikus ditzakegu bertan, eta haien lanak askoz eskuragarriagoak zaizkigu.
Nola sortu zitzaizun arte afrikarrarenganako kezka?
1992an hezkuntza zientzietan lizentziatu ostean hasi zitzaidan arteagatiko kezka, gizakiak munduan uzten duen adierazpen gorena baita. Blues talde batean jotzen nuen eta 2004an Malira egin nuen bidaia, bluesaren iturrien bila. Bidaia iniziatikoa izan zen, lau hilabetez lau herrialdetan ibilita, eta lagun handiak egin nituen, galeriaren egungo oihartzunean eragin dutenak.
Hamar urteotan goien mailako artistak ekarri dituzu galeria txiki honetara.
Ndary Lo, George Llilanga, Cheri Cherin, Camara Guèye… Artista handiak dira, baina nire proposamen apala estimatu dute. Normalki uste izaten dute Bilbon interes handia egongo dela baina gero atsekabea hartzen dute benetako egoeraz jabetzean.
Gutxietsita dago afrikar artea beraz, maila horietan ere.
Bai, presentzia irrigarria du artearen nazioarteko topaketetan. Hori aldatzen ari da pixkanaka, baina "Lehenengo mailako artea" finantza botereek kontrolatua da egun, hor ez dute agintzen irizpide artistiko edo estetikoek. Dirua zuritzeko modurik onena da artea.
Nola begiratzen diogu Afrikari hemendik?
Kolonialismoaren begiradarekin begiratu zaio beti Europatik. Berlingo konferentziatik aurrera, ia ehun urteko kolonialismo ofiziala izan zen Afrikan. Europako sistema kolonialistak misio zibilizatzailea zuela zioen. Frantziak interesa izan zuen sistema horretan, horregatik du Afrikak presentzia handia Frantziako hirietan. Espainiak, aldiz, Ginea eta Sahara probintziatzat hartzetik korrika alde egitera pasatu zen. Manuel Iradierrek Ekuatore Ginea lortu zuen Espainiarentzat baina hark ez zuen inoiz interes handirik erakutsi Afrikarekiko, arpilatzetik harago.
Baina garai bateko ikuspegia da.
Egundaino Belgikak bakarrik onartu du Afrikan genozidioa egin zutela. Leopoldo erregeak bere Stanley mertzenarioaren bidez egindako sarraskia eta belgikarrak engainatu zituela aitortu dute ofizialki.
Euskaldunak ere ez gaude garbi.
Gaia ezkutatu da, ikertu beharko litzateke euskal portuek esklaboen negozioan izan zuten rola. Espainia izan zen Europako azken herrialde esklabista, eta Kuba Amerikako azkena. Horregatik ekarri zuen 1877an Sopuertako Castaño Capetillo familiak Rafael Padilla Chocolat , Kuban esklabo erosita zortzi urte zituela. Historia bitxia da Chocolat-ena: Tony Grice ingelesak ezagutu zuen Bilbon, eta Londresera eta gero Parisera eraman zuen. Montmartren arrakasta handia izan zuen Fottit pailazoarekin bikotea osatuta. Lumière anaien hainbat filmetan agertu ziren, baina gero Chocolat -en ospea itzaltzen joan zen.
Artea baino, artisautza omen da hangoa.
Gizarteak Afrika zer den ez badaki, haren historiaren eta gorabehera soziopolitikoen berri ez badu, hezkuntzan aipatzen ez bada... Noski, ikusmolde horren ondorioa da. Exotismoa da beste ikuspegi kaltegarri bat. Afrikari buruz egiten diren filmetan beti leku exotiko, eder, folklorikoa... Ikuspegi paternalista dago, afrikarrak beren kabuz aritzeko gai ez direlako irudia, heldugabeak dira, bortitzak… eta beti joan behar izaten da gizon zuria euren arazoak konpontzera. Ideia hori garai batean kolonizazioak erabili zuen eta egun post-kolonizazioa babesteko erabiltzen da.
Jarraitzen du presentzia kolonialak, beraz?
Itxura afrikarra hartu du menperatze horrek egun: ustezko agintariak afrikarrak omen dira, baina herrialde guztietan gobernuak multinazionalen txotxongilok dia. Gaur egun kolonialismoa askoz ere itogarriagoa da, euren baliabideak kudeatzerik ez dute afrikarrek.
Kooperazioak zerbait konpontzen du?
Txatalak dira, ez dut juzgatuko, badakit badirela dena ematen duten GKEak, medikuak eta abar, baina beste batzuk ez dira gizaldeko lanerako eredu, daramaten bizimoduagatik eta jarreragatik.
Nola lagundu behar da orduan?
Kultura sustatuz autoestimua landu behar da Afrikan. Hiru mendez nola sufritu duten kontuan hartuta, Afrikako jenderik onenak bahitu eta Amerikara eraman baitzituzten europarrek. Independentziatik hona igaro diren urte gutxietan gure mailan garatuko direnik ezin dugu pentsatu, askok identitatea ere galdu baitute.
Etorkizun beltza, orduan?
Optimista naiz, uste dut Afrikan datozen 40 edo 60 urteetan gizateriaren hainbat mugarri ezarriko direla, sekulako indarra dago hor. Hala ere, ez ditugu berdintasunezko harremanak izango Afrikarekin barkamena eskatu eta elkar errespetatzen hasten ez garen bitartean.
"Beltza" hitzak duen adiera negatiboa...
Bai, baina historia beltz ezezaguna dago ezkutatuta. Esaterako, bada flamenkoaren palo guztiak afrika beltzetik datozela dioen teoria bat, Antonio eta David Hurtadorena. Horien arabera, samba, conga, tango... yoruba hitzak dira. Bestalde, 1100. urte inguruan Espainiako populazioaren %10 inguru Sahara azpikoa zela diote. Garai hartan sortu zen, kasurako, Sevillako Los Negritos kofradia, eta beltzak ziren kideak. | news |
argia-c5923542300c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/arte-eskola-berria-bat-batean-itxi-dute.html | Xabier Gantzarain: �Kalostra ixtea erabakita zeukaten gurekin hitz egiterako� | Kepa Matxain | 2016-02-14 | Xabier Gantzarain: �Kalostra ixtea erabakita zeukaten gurekin hitz egiterako�
Orain urtebete jarri zuten martxan Kalostra Arte Eskola, Artelekutik gelditzen zena hartu eta artisten egungo eskakizunekin bat zetorren zerbait sortu nahian. Gipuzkoako Foru Aldundian agintea aldatzean, ordea, proiektua geldiarazi zuten, "Tabakalerarekin indarrak ez bikoizteko". Prozesua errepasatu dugu bertako koordinatzaile izandako Xabier Gantzarainekin.
"Ezer ez da monolitikoa, errealitatea poliedrikoa da". Zer esanik ez auzia denean norbanakoak, instituzioak, artistak, kulturguneak eta abarrak biltzen dituen katramila baten errelatoa osatzea. Ongi daki Xabier Gantzarainek hori, eta Kalostran gertatu denari buruz beretik aritu bada ere, bereziki saiatu da prozesua bere konplexutasunean kontatzen. Ziur asko, ohi moduan, bertsio ofizial lauei aurre egiteko modu bakarra delako ñabardurak azpimarratzea.
Idazten duzu 'Kalostra' Googlen, eta arreta pizten dute lehen bi albisteek. Batak dio: "Arteleku ordezkatu du Kalostrak, artistentzako eskola esperimental berriak". Besteak, berriz: "Foru Aldundiak Kalostra geldiarazi du, Tabakalerarekin indarrak ez bikoizteko". Bi albisteen artean, bederatzi hilabete eskas. Zergatik izan du halako bizitza laburra?
Hasteko, Kalostraren kultur ereduak talka egiten duelako egungo agintariek daukatenarekin. Bestetik, hor dago joko politikoa, alderdien arteko borroka: proiektu bat Bilduk martxan jarritakoa bada, hurrena datorrenak geldiarazi egiten du. Eta hirugarrenik, diru kontuak ere aipatu dituzte, eta, noski, hortik ere izango zuen beraientzat. Benetan politika hor dago: batek erabakitzen duenean ixtea barrura begira harrobia sortuz lan egiten duen eskola bat, eta hor gastatu beharrean gauza ikusgarriagoetan gastatzea, ba tira, berak erabakiko du zerk ematen dion etekin gehiago. Kurtso bakarra egin genuen. Kuriosoena da, hala ere, Kalostra hain denbora gutxian desagertu dela. Artelekuk luze iraun zuen eta erreferentzia bilakatu zen, berriki irekitako Tabakalera erreferentzia da jada, eta urtebeteko gauza txiki bat erabat desagertu da, ez dago inoren iruditerian.
Egin dezagun atzera. Zer testuingurutan sortu zen Kalostra?
Kalostraren sorrera baldintzatu zuen Arteleku zegoen eraikinaren egoerak. Arteleku Txomin-Enean zegoen. Donostiako Udalak abisatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiari hirigintza-plan bat zutela auzo hartako uholdeak saihesteko, eta Arteleku botatzeko asmoa zeukatela. Era berean, hor zegoen Foru Aldundiak garai hartan Artelekuren inguruan zeukan iritzia –orduko kultur diputatu Ikerne Badiolak galdu antzera ikusten zuen Arteleku, "norabide argirik gabe"–. Baina ez da ahaztu behar testuinguru hori erabat aldatu zela Tabakalera proiektua azaldu zenetik. Azken urteetan mamu bat izan zen Tabakalera Artelekurentzat. Mamua diot, oraindik egikaritu gabeko ideia batek eragin zuzena zeukalako proiektu hartan, espektro batek bezala. Orduko leloa zen: "Arteleku izango da Tabakaleraren bihotza". Baldintza horiek guztiek eragin zuten 2014an Foru Aldundiak erabakitzea Arteleku itxi beharra zegoela, eta, era berean, beste zer egin zitekeen pentsatzea. Hainbat artistarekin hitz egin zuen Foru Aldundiak, eta haiek garbi ikusi zuten azken urteetako joera batzuk alboratu eta oso bestelako eredu baten alde egin behar zela.
Zeintzuk ziren alboratu beharreko joera horiek?
Artelekuren sorreran oso tailer luzeak egiten ziren. Azkenaldian, berriz, gero eta laburragoak: bi egunekoak, astebetekoak... Artista horiek Foru Aldundiari esan zioten berriro eredu luzeago batera jo beharra zegoela, eta hor sortu zen Kalostra izango zenaren hazia. Lehiaketa publiko bat jarri zuten martxan, eta proiektu bat aurkeztu nuen nik, eredu luzeago hori nondik nora joan zitekeen biltzen zuena. Ez zen denbora kontua bakarrik, ordea. Bazen guretzat kontu garrantzitsu bat: ez genuen ikusgarritasuna bilatu nahi. Besterik da lan baten ostean edo kurtso amaieran egindakoa publikoari zabaltzea. Baina lan prozesuan zehar ez genuen inoiz argazkirik sareratzen, "hemen ari dira artista gazteak lanean" eta gisako mezuekin. Bestalde, egia da eraikinak ere –Alde Zaharreko Santa Teresa komentua– horretara bideratzen gintuela. Arteleku irekia zen, industriala, espazio zabalekoa. Hau, aldiz, askoz txikiagoa, espazio itxikoa, bestelako arkitektura batekoa... eta horrek proiektuan eragina izan zuen. Azkenean, sortu genuen norbere baitara bilduta egoteko espazio bat, erlijio hizkeran esateko. Izena ere –'Kalostra', klaustroari erreferentzia eginez–, hortik dator.
Kalostraren funtzionamendua zehazten aritu ziren arte munduan ibilbide oparoa duten hainbat lagun. Besteak beste, Adelina Moya, Peio Agirre eta Txomin Badiola. Haien ekarpena zertan gauzatu da Kalostran?
Kalostrara inor ez zetorren aurrez pentsatutako proiektu bat gauzatzera. Hori baino askoz irekiagoa zen proposamena. Izugarri sinplifikatuta: Artista izan nahi duzu? Sentitzen duzu artista izateko ondo etorriko zaizula zu bezala dauden beste hamalau lagunekin leku berean lanean aritzea, ibilbide bat daukaten artistek lagunduta? –Eta lagunduta diot, "irakatsi" ez zaidalako asko gustatzen. Guretzat oinarrizkoa izan da, zentzu horretan, Jacques Rancièreren Le Maître ignorant liburua: denok ikasten dugu elkarrengandik, inor ez da inor baino gehiago: berdin lagunduko dizu artista kontsakratu horrek edo zure kideak. Kontua zen lan prozesu batean sartzea bete-betean–.
Horregatik epe luzeko kurtsoak berreskuratzeko beharra.
Hori da. Kezka hori bazetorren, besteak beste, unibertsitateak eduki duen eboluziotik. Arte Ederretako ikasketetan lan egiteko baldintzak aldatuz joan dira: ikasketa planak laburtu egin dira, bost urteko karrera lauko bihurtu zen, laster ziur asko hirukoa izango da eta egin beharko duzu gradu-ondokoa edo dena delakoa... Finean, gertatzen da askoz ere denbora gutxiago daukazula zeure buruarekin bakarrik egoteko fakultatearen barruan, zeure txokoan, lanean. Pasatzen duzu denbora tarteka irakasleari lana erakutsiz, etxean lan pixka bat eginez... logika hori errotik puskatzeko asmoa zuen Kalostrak. Eguneroko martxa oso arrunta zen: artista bat gonbidatzen genuen astebeterako, berak egituratzen zuen aste hori, eta bitartean parte hartzaileak (nahiago dut hitz hori "ikasleak" baino) lanean ari ziren, eta artista gonbidatuak laguntzen zien, bere esperientziatik.
Kalostra aurkeztu zenuten Arte Ederretako ikasleentzat zerbait osagarria bezala, baina, era berean, artista guztiei irekia. Nola kudeatzen da aniztasun hori?
Zaila da ikasturte bakarretik ondorioak ateratzea. Kalostran izan diren hamabost lagunetatik gazteenak 22 urte inguru izango zituen eta zaharrenak 38. Jatorri desberdinetako jendea zegoen: suediarrak, euskaldunak, espainiarrak, txiletar bat… Batzuk Arte Ederretatik atera berriak, beste batzuk fakultatea aspaldi samar zapaldu gabeak baina beren ikasketa prozesuan pauso bat eman nahi zutenak, beste intentsitate eta kontzentrazio batekin lan eginez. Eskatzen zitzaiena exijentea zen: etor zaitez Donostiara eta pasa hemen 7-8 hilabete egunero 8-10 orduz estudio batean itxita, zu bezala dauden beste hamalau kiderekin eta bisitan etorriko diren artistekin. Kontzentrazio eta intentsitate hori lortzea egun ez da batere erraza. Eta hala ere, jende askok eta askotarikoak eman zuen izena. Bagenekien arrisku handia zegoela norbaitek une batean krak egin eta kurtsoa uztekoa, baina ez zen gertatu. Harrigarria zitzaidan ikustea artistek buru esfortzu ikaragarria eskatzen zuten ariketak planteatzen zituztela eskoletan. Pena ematen dit martxan ez jarraitzeak, ez dugulako ikusiko pedagogia horrek zenbat eman zezakeen. Baina ziur naiz Kalostran izan den jendeari hemendik 5-10 urtera oraindik balioko diola han ikasitakoak.
Halako eredu horizontal batean nolakoa zen lanen ebaluazioa?
Ez zegoen ez notarik, ez krediturik, ez antzekorik. Ebaluazioa bai, baina askoz ere pertsonalagoa. Astebeterako artista bat etortzen zenean, banan-banan joaten zen bakoitzaren estudiora beren lanaz hitz egitera, zertan ari ziren, zer asmorekin, zer zailtasun zituzten… jarraipen bat egitera. Intimitate horretan askoz gehiago ikasten du batek paper batean zenbaki bat jarrita baino. Artistek artistekin ikasteko leku bat izan da, bai. Ez dut uste martzianada bat denik: idazle batek norekin ikasten du? Normalean, batez ere, beste idazleekin. Musikari batek? Beste musikariekin. Oso gauza oinarrizkoa da.
Iazko urri aldera, Gipuzkoako Foru Aldundi berriak Kalostra geldiaraztea erabaki zuen. Denis Itxaso kultur diputatuak arrazoitu zuenez, "Tabakalerak eta Kalostrak ezin dute bi irla banatu izan". Hala al ziren?
Tranpa handi samarra egiten da Kalostra eta Tabakalera konparatuz. Ze arazo dago bi irla edukitzeko? Kontua da gauza desberdinak direla: bata arte eskola da, bere funtzionatzeko modu oso bereziarekin –baina, aldi berean, oso finkatuarekin–, eta bestea erakusteko leku bat da. Sortzeko ere bai, baina batez ere ikusgarritasun baten bila lan egiten duen toki bat. Irla bakoitzak bere zeregina ondo betetzen badu, zein da arazoa? Guk badakigu Kalostra ixteko erabakia hartuta zegoela gurekin hitz egin baino lehen. Gero nahi duzun apaingarria jarriko diozu horri, baina ez zuten proiektua ezagutu, zertan ari ginen ikusi, zenbat diru joaten zen aztertu, jarraitzeko zenbat diru beharko genukeen, eredu horrek beraientzat ere balio ote zuen… ez zen halako kalkulurik egin. Hori izan zen harrigarriena eta mingarriena.
Ez zenuten irudikatzen halakorik gerta zitekeenik?
Kezka beti dago. Oso testuinguru zailean jaio zen proiektua. Jende askorentzat Arteleku itxi zutenak izan ginen; beste batzuentzat, berriz, ezkutuan eta modu opakuan –Itxasok hitz horixe erabili zuen– lan egiten zuten xelebre batzuk. Hor badago kontu bat, zeharkakoa dirudiena, baina erabat lotuta dagoena honekin: arteak zertarako balio duen norberaren ustez. Itxasoren azken adierazpenak lerro artean irakurrita uler zitekeen esaten zuela "Kalostrako hauek zertan ari ote dira, gauza xelebreak egiten, beren gauzetan, inork ez ditu ulertzen", edo antzeko zerbait. Eta uste dut benetan auzia hor dagoela. Ondo iruditzen zaigu gauza batzuetan dirua gastatzea, baina gero hortik zer aterako den ez dugunean garbi ikusten, artista gazteei laguntzeko toki bat… zalantzak pizten dira. Oso kuriosoa da, artearekin bakarrik gertatzen da norbaitek galdetzea: "Baina hau artea al da?". Ez da galdetzen ez musikarekin, ez literaturarekin, beste diziplina batzuetan ematen du onartuago daukagula ez dela gure joko eremua eta ez daukagula epaiak emateko irizpiderik, edo ulertzen ez dugun guztia ez dugula zertan baztertu. Baina artean ez. 60ko hamarkadan arte garaikidean zebiltzanak oso bere sentitzen zituen herriak. Egun, ematen du artelan horiek ez dutela gurekin zerikusirik. Garaiaren sintoma bat da, ziur asko.
Zertan da Kalostra egun?
Aldundiaren babesik gabe ere proiektuarekin nola edo hala jarraitzea erabaki zuten artistek. Azken aldiz haiekin izan nintzenean oraindik gogoetan zebiltzan. Ez dakit berriro Kalostrarik izango den, baina esperientzia honek balio izango du noizbait antzeko zerbait martxan jartzeko. Azken batean, oso gauza logikoa da: inork ez badizu eskaintzen, eta artistentzat behar-beharrezkoa bada, ziur naiz nolabait egingo dela. Ez dakit ez noiz, ez nola, ez izen horrekin ala beste batekin, baina egingo da. Astebetean zaila da arrastoa utziko duen ezer sortzea. Artearen denbora, sortzearen denbora, beste denbora bat da. | news |
argia-447560fb952f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/sabino-cuadra-amaiurko-diputatu-ohia.html | "Gizarte mugimenduak dira sistema-aldaketaren giltza" | Sustrai Colina | 2016-02-14 | "Gizarte mugimenduak dira sistema-aldaketaren giltza"
Greba orokor batean, bere legebiltzarkide agiria agerian zuela poliziak egurtu eta Financial Times-en portadan esnatu zen. Handik gutxira, Kongresuko pulpituan Espainiako Konstituzioaren orriak erauzten zituela egin nuen amets.
Zu ere izan zinen haurra?
Okina, ofizinista eta komertziantea nuen aita. Abertzalea. Ama berriz modista. Zaldibarrera ezkondutako amamari etxean Batzokia atzeman ziotenez, ziztuan mudatu behar izan zuen Amurriora, alargun eta bi alabatxorekin. Horregatik, gutxi eta azaletik hitz egiten zen politikaz gurean. Gainera, Amurrio ez zen bereziki herri sutsua. Langileen semeek eta baserritarrenek osatzen zuten gure koadrila. Etorkinak ere bagenituen tartean. Jabetzen ginen gerra zibileko giro errepresaliatuetatik hartu zutela lur gurean. Komentario solte horiek josteko haria falta genuen, ordea. Esaterako,1968ko maiatzak Madrilen harrapatu ninduen baina ez nion aparteko arretarik jarri. Ez zeukan nire orduko bizimoduarekin harreman zuzenik. FLPkoen [Frente de Liberación Popular] bidez, alta, gertuagoko bazka iristen zitzaigun, mobilizazio eztanda etengabe bat zen kalea, haize berriak igartzen ziren...
Komunista zinen, ordurako?
Bai, orduko sozialismoarekin oso kritikoa zen korronte batekoa. Kasta burokratikoak iraultza bereganatu zuela iruditzen zitzaidan, adierazpen eta bide iraultzaileak itotzen ari zirela. Ikuspegi ezkertiar eta soziala nazio ikuspegiaren parte dira niretzat. Ez da kasualitatea etsipenezko ilunaldi politikoetan eredu historikoei heltzea jendeak. Che Guevara edo Rosa Luxemburgo erreferente dira oraindik, Vietnameko eta Kubako iraultzek komunismoaz haragoko eragina dute gure bizitzetan. Horregatik dut nire burua orduko ideien semetzat. Adinak hiru-lau kontzeptutan gotortzera eraman banau ere, demokrazia sozialista dago printzipio horien gune-gunean. Errotu dadila demokrazia harreman pertsonaletan, eragin dezala esker txarreko etxeko lanen banaketan, zabaldu dadila koadrilako gizon eta emakumeen arteko harremanetan, jarri dezala auzoa dantzan, langileek agindu dezatela fabriketan eta ez kapitalak. Oinarri zabal eta altuera ttikiko piramidea dakar demokrazia sozialistak, ez egungo jendarte bertikal eta hierarkizatua.
Nafarroa
"Nafarroan aldaketa ezinbestekoa ez ezik posible zela, PSN irtenbidearen zati baino arazoaren parte zela, hainbeste urtetan aldarrikatu ondoren zirraraz bizi ditut azken hilabeteok. Kriki-krakak daudela? Jakina. Prozesua laua eta lineala izango dela pentsatzea ameskeria hutsa da. Akordioarekiko leialtasuna eta lau alderdien arteko desadostasunak gainditzeko gaitasuna bermatzeaz gain, ea gai garen gizarte mugimenduekin ditugun dialektiketatik elikatzeko. Hori da aldaketa".
Espainiako Diputatuen Kongresua da horren isla?
Espainiako Kongresua hipokresiaren ikur gorena da. Bertako gai ordena ez du gobernuak erabakitzen, are gutxiago hiritarrek. Bruselaren, Troikaren eta Espainiako botere faktikoen esku dago dena. Lan erreformak, murrizketak, Mozal legea, kode penalaren erreforma, estaturik gabeko nazioen autodeterminazio eskubideari eman beharreko erantzuna... Parlamentutik kanpoko botereek erabakiarazten dute dena. Oso indar atzerakoiak dira. Pentsa, ez daude soilik erabakitze eskubidearen aurka, kontsulta eskubidearen kontra baizik! Indar horien hatsa lepoan sentitzeak nintzena baino independentistagoa egin nau. Horregatik diot behetik gorako demokrazia egikaritzea dela itxitura itogarri horretatik askatzeko modu bakarra. Abenduko hauteskunde kanpaina, alta, erabat telebisiboa izan da. Jendearen parte-hartzea sustatu beharrean, boto-emailea pantaila aurrean iltzatzea zuen helburu. Bortitza bezain mingarria zait jendea eta jendartea kontsumo objektutzat hartzea. Erakusleihoan dagoena kontsumitzera mugatzen da hiritarren parte-hartzea?
Orain dena da likidoa, baita bozka ere.
Ezegonkortasun politikoa da azken urteotako ezaugarri nagusietako bat. Katalunian, adibidez, egun batetik bestera aldatzen da egoera. Horrek agenda aldatzen du, alderdien estrategia, liderren posizionamendua... Denbora bat daramagu ezegonkortasun politiko horretan igeri, mobilizazio handiz blai, hil ala biziko hauteskunde zurrunbiloan harrapatuta, eta botere faktikoetatik bideratutako alderdi berrien sorrerak saltsa loditu baino ez du egin. Bozka likidoarena ez da ez ona ez txarra, ez da paralisi sozialaren sinonimo, aro politiko nahasi baten ispilu baizik. Gainera, orain lau urte PP bezala, programa faltsu eta iruzurti batekin aurkeztuta ez da harrigarria hondarrezko gazteluak eraistea. Oraindik lehen indarra direla? Galduz irabazi dute. Legebiltzarra edukirik gabeko ontzi huts bat izateak izugarri laguntzen die horretan.
Ontzi huts hori herritarrengandik geroz eta urrutiago dago?
Bien artean amildegi bat ez, ozeano bat dago. Espainiako kongresua ez da demokraziaren totema, itxurakeriaren tenplua baizik. Instituzionalki ez da herritarrekiko zubirik eraikitzen, bertan erabiltzen diren lengoaia, janzkera eta formek ez daukate kalekoekin zerikusirik, ez dago parte-hartze biderik, aditu bat batzorde batera deitzen dutenean ez da bere iritzia aintzat hartzeko euren burua zuritzeko baizik. Sistemak dena hipnotizatuta dauka. Hala, legebiltzarkideen bi herenek lau urtez inolako hitz-hartzerik egin ez izana lotsagarria zait. Alderdi diziplinaren arabera bozkatzea eta idatzizko pare bat galdera xalo egitea da legebiltzarkide baten lana? Ez harritu gero bozik ez dagoen plenoetan %20ko asistentzia baizik ez badago. Iruñean, kalera atera eta jendeak bizilagunaren edo koadrilakoen arazoez hitz egiten dit, langabezian dagoela bat, hilabete amaierara larri iristen dela bestea, dibortziatu dela ez dakit nor, etxea kendu behar diotela beste hari. Kongresuan ez dago horrelakorik.
Katalunia
"Kataluniaz hasi orduko letaginek diz-diz egiten didate. Izugarria iruditzen zait, estatua kontra egon arren, modu masibo, bateratu, parte-hartzaile eta demokratikoan adierazi beharrekoa adierazteko duten gaitasuna. Jendarte bizi eta heldu bat ikusten dut hor. Espainia ipurdi bistan utzi dute. Hala, nola ez da izango aldebakarreko independentzia irtenbide zentzuzkoena politikoki, sozialki eta baita instituzionalki ere?".
Politika egiteko beste modu bat eskatzen du jendeak?
Legebiltzarrean kaleko jendea egon zitekeela erakutsi nahi izan dugu, kaleko kezkei parlamentuko pulpitutik oihartzuna ematen saiatu gara, formaz, edukiz, hizkeraz zein janzkeraz gertukoak, ulergarriak eta zuzenak izaten. Kongresuko hormak ez daude ohituta ezker sozial bat, ezker abertzale bat, aterpetzera. Hala, orain Podemosek hitzetik hortzera darabilen legebiltzarkideen soldatei topea jartzeko proposamen berbera egin genuen 2012ko otsailean, legebiltzarkideen pentsio funts berezien gisako pribilegio zentzugabeak eraisten tematu gara. Ez da kasualitatea legebiltzarreko hedabideen artean buruturiko azken inkestan gu izatea ezkertiarrenak, bai sozialki, bai nazio ikuspegiari dagokionez.
Inkestak inkesta, hauteskundeek kongresutik kanpo utzi zaituzte.
Ez dugu asmatu estatu mailako hauteskunde hauek gure herrian kokatzen. Ez dugu jakin testuinguru nahasi horretan gure burua egoki posizionatzen. Idien aurretik jarri dugu gurdia. Erabakitze eskubidea izan da gure kanpainako ardatz nagusia eta ez dugu jakin hemengo arazo sozio-politikoei behar besteko argia ematen, azken lau urteetako estatu politikek gurean izan dituzten ondorio negargarriak behar beste azpimarratzen. Inbutu bat bezala planteatu dugu erabakitze eskubidea, gure buruak gure mami politiko guztia bertatik pasatzera behartuz. Azken lau urteetako estatu politikari emandako erantzuna izan behar zuen erabakitze eskubideak, ez estatu politika horren ondorio. Madrilera zergatik eta zertara gindoazen esatea falta izan zaigu, ezkerreko talde independentista batek Madrilen duen funtzioa definitu eta zedarritzea. PPren zapalkuntzatik dena posible izan zitekeen agertoki batera igarotzeko aukera zegoela jakinda, ezinbestekoa zen funtzio horren inguruko eztabaida elikatzea.
Erakundeek eta gizarte mugimenduek elkar elikatu dezakete?
Gizarte mugimenduak dira sistema aldaketaren giltza. Jendarte ezberdina pentsatzen ari bagara, Euskal Herri ezberdina eraiki nahi badugu, ez dauka zentzurik aldaketa gobernu baten gehiengoari soilik lotzeak. Euskal Herri berri horrek ez badakar eraberritze eta eraldaketa sozialik jai dugu. Ahalduntzerik gabe, parte-hartze sozialik gabe, gizarte antolaketa horizontalik
gabe... nora goaz? Egia da mobilizazio soziala aldaketa instituzionalarekin bat ez doanean konplikatua dela afera, baina mobilizazio sozialik gabeko aldaketa instituzionalak PP gehiago esan nahi du. Aldaketa soziala ez da hauteskundeetatik etorriko, hauteskunde emaitzekin soilik ez da jendarte ezberdina sortzen. Sozialki, sindikalki eta feminismoaren ikuspegitik geroz eta botere handiagoa duten saretutako espazio auto-antolatuek dakarte aldaketa. Mugimendu sozialik gabe ez dago Euskal Herri berri eta ezberdinik.
Gizarte mugimenduen eta erakundeen arteko zubiak lastozkoak ez ote diren...
Zubi horiek sendotu eta egonkortzean datza demokrazia sozialista. Esaterako, fabriketako harreman eredua bertikala da, enpresak agintzen du, langileak isilik izerditu, eta tartean gutxieneko batzuk negoziatzeko espazio bat dago. Hori da demokrazia? Zer gertatzen da gizon eta emakumeen arteko harremanetan? Emakumeenak kontsideratzen diren lan zein jarduerek ez daukate onarpen sozial eta politikorik, soldata ezberdintasunak izugarriak dira, onarpen ezak menpekotasun
"Iruñean, kalera atera eta jendeak bizilagunaren edo koadrilakoen arazoez hitz egiten dit, langabezian dagoela bat, hilabete amaierara larri iristen dela bestea... Kongresuan ez dago horrelakorik"
harremanak dakartza eta harreman desorekatuek indarkeria. Hori da demokrazia? Gauza bera, unibertsitatean. Zer da unibertsitatea demokraziarik gabeko kazike kabi bat ez bada? Horregatik diot demokrazia bizitzako esparru guztietan sustraitzea dagokigula, jendartearen eta erakundeen arteko harreman zuzenak bultzatzea, bien arteko amildegia estali eta elkarlana sustatzea. Gizarte mugimendu eta erakundeen arteko harreman parekideak gobernu baten osasun sintoma behar luke, ez ahultasun seinale. Hori, ordea, ez da hiritarren parte-hartze legeak bozkatuz lortzen. Auziaren mamira jo behar da, bizitza soziala bizitza politikoa dela onartu eta erabaki ttikienari ere demokrazia dosi bat bota.
Alderdi politikoak prest daude boterea mugimendu sozialekin partekatzeko?
Politikoak soziala banpirizatzeko joera da nagusi. Gizarte mugimenduetan hezi eta hazi den jendea hauteskundeetarako amu bezala erabiltzen da baina inork ez du politika uzten auzo elkartean lan egin edo etxe desjabetzeen aurka aritzeko. Denok dakigu politikari profesionalek euren neurrira egindako fundazio edo enpresa pribatuetara egiten dutela salto. Gure agintari gehienentzat lan guztiek ez dutela garrantzi bera islatzen du horrek, euren burua piramidearen erpinean mantentzea dela zinez inporta zaien bakarra. Peter-en gaitasunik ezaren printzipioak garbi dio: denok egiten dugu organigrama sozialean gora gure ezgaitasunaren maila gorenera heldu arte.
Jubilatu zinen, erretiratuko zara?
Ez naiz atzo sortua, bi ilegalizazio txanda pasatakoa naiz. Nire belaunaldikoek orain 40 urteko pelikula daukagu begi-ninian iltzatuta. Egun bizi duguna déjà vu -aren mugan dago. Ez dakigu filmaren amaiera nolakoa izango den, bukaera oraindik idatzi gabe dagoela sinetsi nahi dut, jendartearen mobilizazioek agintarien bide orria markatzeko besteko indarra izango dutela. Jende berriaren txanda da, aurpegi gazteak behar ditugu gure ideiak egurastu eta programak freskatzeko. Zerrendaburu izateko nire bila etorri aurretik argi eta garbi nioen ez nintzela aurkeztuko. Are indar handiagoarekin diot orain. Nire lana egin dudalakoan nago. Nire egoera eta habitat naturaletara itzultzea tokatzen zait. | news |
argia-5c531ad398c5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/europa-alaitasunetik-gutxi.html | Europa, alaitasunetik gutxi | Joxe Iriarte, Bikila | 2016-02-14 | Europa, alaitasunetik gutxi
Donostiako Konstituzio Plazan Beethovenen bederatzigarren Sinfoniari ( Alaitasunaren oda ) egindako txistualdia, bistan da ez zela maisu handiaren aurkakoa, bere himnoa bahitu duen Europar Batasunaren aurka baizik. Nago, Beethovenek burua altxatuko balu gauza bera egingo lukeela. Hirugarren Sinfonia, estreinakoz, Napoleoni eskaini zion miresmenez, hark sinbolizatzen zuen iraultza globalak eta bera sortzen ari zenak bat egiten zutelako. Alabaina, Napoleonek bere burua enperadore egin zuenean Beethoven haserre bizian jarri zen, Napoleon izena ezabatu zuen ez zuelako maite despotarik, ez zaharrik ez berririk. Egungo Europa despota zaharrez eta berriz gainezka dugu, nire uste apalean, eta gainera oso gutxi ilustratuak.
Egungo Europa despota zaharrez eta berriz gainezka dugu, nire uste apalean. Eta gainera oso gutxi ilustratuak
Ezin ukatu, 1950ean Ikatz eta Altzairuaren hitzarmenarekin sei estatuk (Frantzia, Alemania, Italia, Belgika, Luxenburgo eta Herbehereak) abiaturiko bidea, I. eta II. Mundu Gerrek eragin zituzten estatuekiko konpetentzia inperialistak gainditzeko aurrerapausoa izan zela. Gainera, gerren triskantzek eragindako eraikuntza lanen baitan langile mugimenduaren eta ezker sozialdemokraten indarrari esker eraikitzen ari zen ongizate-estatuaren ereduak asko lagundu zuen europartasun aurrerakoia gauzatzen, nolabait, AEBren modelo gordinetik bereizteko gai izango zena eta bidenabar Gerra Hotzaren testuinguruan Sobiet Batasunari aurre egin lekiokeena.
Harrez geroztik, atzeraka goaz. Europaren komunitatearen eta batasunarena ondorengo hedapena, muturreko neoliberalismoan (Alemaniaren nagusitasunaren menpean) hitzarmen eta dekretuetan eraikitzen joan da (Maastricht, Lisboa eta abar) ekonomiaren eta monetaren batasunean oinarrituz.
Egungo Europak (ez nahiko genukeena) gutxi du giza-eskubideetan, justizian eta demokrazian oinarrituriko adostasunetik eta gehiegi inposiziotik, diskriminaziotik, esplotaziotik eta xenofobiatik. Gainera, Europa iruzur galanta da kulturaren ikuspegitik (baita kultur hiria izendatzen dutenean, negozio eta espekulazioari bide emanez, benetako kulturari bide eman ordez).
Europan aginduaren makila Troikaren eskuetan dago. Inork hautatu ez duen erakunde horrek bahitu egin dizkigu
–hiritarrei eta herriei– etorkizuna erabakitzeko eskubidea eta ahalmena. Horra hor, Grezian gertatutakoaren benetako irakaspena. Harrigarria egin zait A-20ko hauteskundeetan ia inork ez aipatzea gure gainetik dauden botere faktiko horien zama, (Europako komisioak jada exijitu dio espainiar gobernuari 11.000 milioi euroko jaitsiera gastu sozialetan), nola edo hala astindu beharko duguna Europa berri bat nahi badugu.
Egungo Europa, soil-soilik kapitalarentzat da hesi gabeko eremu librea. Gainerakoak, berriz, lubakiz eta hesiz beteriko mugetan itota gabiltza. | news |
argia-8a7a90646745 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/new-york-aldatu-zuen-elurtea.html | New York aldatu zuen elurtea | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-02-14 | New York aldatu zuen elurtea
New York, 1888ko martxoaren 11tik 14ra. Elur-bisuts ikaragarriak ezustean harrapatu zuen hiria. Izan ere, bizpahiru egun lehenago bertakoak udaberri aurreratuak ekarritako tenperatura epelez gozatzen hasiak ziren.
Egun horietan metro eta erdiko elur geruzak inkomunikatuta utzi zuen Manhattan. Brooklyneko zubi berria berehala itxi zuten eta ferryek ez zuten zerbitzurik eman; New Jerseytik Hudson ibaiko ur izoztuen gainean oinez abiatutako gutxi batzuek soilik lortu zuten uhartera iristea. 130 km/h-ko haizeek egoera okertu zuten, besteak beste hiriko kaleetako elektrizitate eta telefono hari amarauna botata. Asteak behar izan zituen hiriak bere onera etortzeko. New Yorkeko suhiltzaileen arabera, piztutako suteek garaiko 25 milioi dolarreko galera eragin zuten; orotara izandako kalte materialak ezin izan zituzten kalkulatu. Inguru osoan 400 hildako izan ziren, erdia New Yorken.
Atertu baino lehen eta, beraz, benetako ondorioak jakin baino lehen ere, martxoaren 13an, The New York Times egunkariak "hiriak ezagutu duen ekaitzik larriena" zela esan zuen. Komunikabideak gogor kritikatu zituen hiriko azpiegiturak, baita irtenbidea eman ere: "Zirkulazio oso azkarra ahalbidetuko duen eta ekaitzek etengo ez duten garraio-sistema planifikatu eta eraiki behar da lehenbailehen, eta hari elektriko guztiak (telegrafoarenak, telefonoarenak, suteen aurkako alarmenak eta argiteriarenak) lurpean jarri behar dira atzerapenik gabe".
Ekaitza amaituta, udalak lurpeko tren sistema eraikitzeko plana diseinatzeari ekin zion. Plana 1894an osatu zuten eta 1900. urtean hasi ziren New Yorkeko metroa eraikitzen. Ordurako, egunkariaren aholkua aintzat hartuta, hariteria lur azpian sartuta zegoen.
Martxoaren 13an, egun berean, beraz, hiriko beste agerkari batek, New York Sun -ek ere bisutsa zuen hizpide, baina beste ikuspegi batetik: "Bizibidea lortzeko kanpoan lan egiten duten emakume gutxik lortu dute lantokira iristea. Ziur aski, gonazpikoen historia osoan ez da sekula hain agerian geratu jantzi horien diseinatzailearen artaburukeria". Eta soineko luze, astun, deserosoen erabiltzaileen hainbat testigantza jasotzen zituen: emakume batek zioen gonak gerri parean jasota lortu zuela lantokira iristea; beste batek, etxadi erdia ibili eta etxera itzuli behar izan zuela; hirugarren bat kalean erreskatatu behar izan zuten, gonazpiko hezeak izotzarekin bat eginda, ez atzera ez aurrera geratu ondoren.
Ziurrenik Sun ek ez zuen Times ek adinako eraginik izan, eta beste faktore askok eragin zuten 1890eko hamarkadan soineko eta gona labur eta erosoagoen moda nagusitzea. Baina elurte hark, trenez eta kableez gain, gonazpikoak lurperatzen ere lagundu zuen. | news |
argia-72bf075d1684 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/karta-jokotik-herri-gogora.html | Karta jokotik herri gogora | Estitxu Garai Artetxe | 2016-02-14 | Karta jokotik herri gogora
Frank Underwood gupidagabearen hitzak dira honako hauek: "Neurriz kanpo baloratzen da demokrazia". Trikimailu ugari erabilita eta hauteskundeetara aurkeztu gabe, AEBetako presidentziara iritsi ondotik esandakoak. House of Cards telesail zirraragarriko pasartea da hori, fikzioa, alegia. Jakina da, ordea, sarri askotan errealitateak fikzioa gainditzen duela.
Demokrazia terminoa gero eta lausoagoa da. Urruti du sorburuko esangura hura: herriaren boterea. Herritarren borondateak hanka motzak ditu gaur egungo sisteman. Lau urtean behin boza eman eta, gero, hautagaiek nahieran baliatzen dute sostengu hori. Zeharkako parte-hartzea deritzo, baina zeharretik doazenak alderdiak dira. Emandako hitza hauteskunde-biharamunean haizeak nola eramaten duen ikusten dugu maiz.
Espainiako kongresu zatikatu berrian, botoek karta jokorako balio dute, alderdien ordezkariei jokorako emandako kartak dira. Zenbat eta gehiago, orduan eta posizio indartsuagoa negoziazioetarako. Baina ahotan darabiltena ez da mandatu demokratikoa edo kanpainan egindako promesak azken burura eramatea, politikariak eurak negoziazioen gorabeheretatik indartuta nola atera baizik. Batak hordago txikira, besteak hordago handira, baina hor ez dago herritarren interesik.
Gobernua osatzea ahalbidetuko duen akordioaren bila, espektakulu galanta ematen ari dira Espainiako alderdi-buruak. Barneko tirabira edo egoera zehatzen menpe, pertsonalismoak politikan duen pisua erakusten ari zaigu, zein baino zein lotsagabeago. Ordezkaritza publikoa ulertzeko modu bitxia dute gero. Hasieratik horrelako arduragabekeria erakutsita, ez da harritzekoa urteetan funtzio publikoak izan duen ustelkeria intrintsekoa. Kleptokrazia ere demokrazia ei da.
Gainerako presio-taldeak ere, hautestontzien premiarik ez duten horiek, beren gordintasunean ikusi ditugu: botere ekonomikoak, hedabide talde handiak, mandatari ohiak… Banan-banan agertu dira, bata bestearen atzetik, komenigarriena zer edo zein izango litzatekeen esatera. Sistemaren parasitoak bere bazkaren defentsan.
Eta gu, oi gu, hemen, bidean galduak, haiei begira. Espainiako politika aldakorrari so daramatzagu azken asteak. Kontuok Ebrotik behera gertatzen direnean, erraza da kritikak egitea. Gurean ere, tamalez, zakurrak oinutsik. Azken boladan asko hitz egiten da alderdien barne demokraziari buruz, zer hobetu handia dutelakoan. Horretaz gain, alabaina, badugu zer landu herritarrok oro har, ez bakarrik alderdietako militanteek, demokrazia parte-hartzaileago bat lortzeko eta herri-erabakien parte aktibo izateko.
Gertuko administrazioetatik gauza asko egin daitezkeen arren, erronka handiagoa da, estatuak baitira demokraziak eraikitzen dituztenak, ustezko subiranotasuna markatzen dutenak. Binomio horrek, estatuak eta demokraziak, badu hirugarren hanka bat: demokrazia eta legea berdintzea. Asko dakigu horretaz Euskal Herrian, demokrata izatea konstituzioari eta Espainiako lege-bilbadurari men egitea dela saldu nahi izan baitigute beti.
Herritarrek subiranotasuna galdu dutela sentitzen dutenean edo lege injustuen aurrean, zilegi eta beharrezkoa da ahalduntzearen eta desobedientziaren bideari ekitea. Bere esentzia eta esanahia berreskuratzeko, bota dezagun demokrazia zerri askara, eta eraiki dezagun berri bat oinarritik, berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutako demokrazia parte-hartzaile berria. Espainia aldera begiratzea ondo dago, zer ez egin ikasteko bada ere. Beste kontu bat litzateke hara begira baino ez egotea. | news |
argia-a49f15b0ffc8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/aroztegia.html | Zementuak desadostasuna ekarri du Baztanera | Garazi Zabaleta | 2016-02-14 | Zementuak desadostasuna ekarri du Baztanera
Azken hilabeteetan zeresan handia ematen ari da Lekarozko Aroztegia proiektu urbanistikoa, Baztanen. Nafarroako Gobernuan ere eztabaida sortu du egitasmoak: Geroa Bai da proiektuaren bultzatzaile bakarra aldaketaren indarren artean; beste alderdiak aurka agertu dira.
"226 etxebizitzako urbanizazioa, nazioarte mailako 135 gelako hotela, goi mailako sukaldaritza-jatetxea eta bederatzi zuloko golf zelaia, guztia Baztango larre berdeak koroatzeko. Paisaia idilikoan kokatuko da Palacio de Arozteguia proiektua, bidaiatzeko alternatiba gisa 'turismo lasaia' eskainiz. 46 hektarea golfean jolastu, Michelin gida harritzeko moduko platerak dastatu edota lau izarreko hotelean ostatu hartu nahi duenarentzat".
Aurreko paragrafoa ez da Lekarozko Aroztegia proiektuaren sustatzaileek ateratako publizitate orri batekoa, Nafarroako egunkari garrantzitsuenetako batek egitasmoaren inguruan argitaratutako erreportajea baizik. Baina benetan, hain polita al da dena? Baztanen izan gara, eta egitasmoaren aurkako jendearekin topo egitea hain zaila ere ez dela sumatu dugu.
Hasieratik sekretupean
Hotela eta spa egiteko ideia lehenagotik bazetorren ere, 2001ean Baztango familia bateko semeek Aroztegia erosi zutenean hasi zen proiektua gauzatzen. Inguruko bide publiko batzuk mozten hasi zirenean ohartu ziren Lekarozko herritarrak zerbait gertatzen ari zela, eta enpresak onartu zien bertan hotel bat egiteko asmoa zuela.
2008 arte, ordea, ez zen egungo urbanizazio proiekturik agertu. Urte hartan, Palacio de Arozteguia S.L. enpresa sortu eta aurreko enpresaren helburu soziala aldatu egin zuten: lehenago helburu turistikoa bazuen, enpresa berriarekin proiektu urbanistikoa sartu zen. Egungo egitasmoaren lehen bertsioa izan zen hura: 252 luxuzko etxebizitzako urbanizazioa –egun 226 dira–, lau izarreko spa-hotela eta golf zelaia aurrikusten ziren bertan.
"Jokaldia lurren birkalifikatzea izan da"
2007 eta 2011 bitartean NaBaik eta UPNk osatutako udal gobernuak lurren birkalifikatze ugari egin zituela azaldu dute 'Aroztegia… Eta Gero Zer?' plataformako kideek, horietako batzuk "nahiko zalantzagarriak". Kasu batzuetan egungo Aroztegiako proiektuaren sustatzaileak zeuden atzean. "Udal hartako hirigintza zinegotziaren 'oso laguna' zen proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat", esan digu Garbiñe Elizegi plataformako kideak.
Aroztegiaren aurkakoek argi dute lurren birkalifikatzea izan dela bultzatzaileen jokaldi nagusia: 2008an, "operazio espekulatiboen trena" pasatzen ari zen momentuan hasi ziren urbanizazio proiektuarekin. "Lurrak birkalifikatzeko interes handia zuen enpresak, ezer gehiago egin gabe irabaziak lortu dituelako".
Momentu hartan enpresa saiatu zen proiektua Udalaz Gaindiko Plan Sektorial (UGPS) gisa tramitatzen Nafarroako Gobernuan, baina hark onartu ez eta 2009an egitasmoa Baztango Udalean sartu zuten, lur-eremu ez urbanizagarrien birkalifikatzea eskatuz. Lekarozen galdeketa egin zuten herritarrei birkalifikatze horren alde zeuden galdetuz, eta herria argi azaldu zen aurka. Baztango orduko Udalak, erabakia errespetatu ordez, proiektua onartu egin zuen. Orduan sortu zuten Aroztegiaren aurkako plataforma, eta enpresa auzitara eraman zuten.
2013an Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak plataformaren helegitea onartu eta atzera bota zuen lurren birkalifikatzea, horietako eremu batek sute bat jasan zuelako eta ondorioz lurren erabilera ezin zelako aldatu 30 urtean. Enpresak segituan adierazi zuen ez zuela atzera egingo, sententziak zortzi hektareari soilik eragiten ziolako.
Baztango hamaseigarren herria altxatzeko adreilu festa
Plataformako Itzi Torresek argi azaldu du zein den proiektuaren izaera: "Hau ez da proiektu turistikoa, askotan saldu duten bezala. Hau proiektu urbanistikoa da". Horren erakusgarri da, adibidez, Baztango Udalak aurreko legealdian enpresari etxebizitzarik gabeko proiektu turistikoa garatzea proposatu zionean hark emandako ezezkoa.
Proiektu urbanistikoaren izaera espekulatzailea salatzea eta garapen ereduaren gainean eztabaida bultzatzea izan du helburu plataformak urteetan. "Zertara dator 340 biztanleko herri batera 226 etxebizitzako urbanizazioa, biztanle kopurua bikoizteko adina? Nor etorriko da hara bizitzera? Nola aldatuko ditu horrek soziolinguistikoki herria eta bailara? Zergatik hamaseigarren herria Baztanen 800 etxe huts baino gehiago daudenean?".
Kalteak bistakoak dira plataformako kideen ustez, baita ingurumenari dagozkionak ere: "Paisaian eragingo lukeen inpaktuaz gain, ikusi beharko litzateke golf zelaietarako pestizidek inguruko lurretan nola eragingo luketen", dio Agurtzane Orbegozo plataformako kideak.
2015eko hauteskundeetarako bi egun falta zirela onartu zuen UPNk UGPSa. Abenduaren 30ean, berriz, gobernu berriak Geroa Bairen aldebakartasunarekin eta Baztango Batzar Nagusiaren eta Lekarozko herriaren errekerimendua baztertuta, UGPSa babestea erabaki zuen. "Erabaki teknikoa dela diote, baina benetan erabaki politikoa da", azaldu dute plataformako kideek. "Ezin da ulertu 'aldaketaren' alderdiak erregimen zaharraren moldeak erabiltzea, erabakitze eskubidearen alde dagoela dioenean". Beste zenbait herritan Geroa Bai antzeko proiektuen aurka azaldu dela ere gogorarazi dute, beren argudio berak erabilita.
Irudian, proiektu urbanistikoaren aurkako kontzentrazio bat. Argazkia: Aroztegia...eta gero zer?
Herri galdeketa eskatu dute
Azken prentsaurrekoan Baztanen herri galdeketa egitea proposatu du plataformak. Proiektua geldiaraztea posible dela garbi dute, baina horretarako aldaketaren gobernuko beste alderdiek, posizionatzeaz haratago, "egoera benetan estutu beharko dutela" ere bai. "Orain arte ez diote gaiari duen garrantzia eman", azpimarratu dute. Geroa Baik, bere aldetik, garbi esan du hasieratik proiektuaren alde dagoela. Haien hitzetan, "langabeziak hainbeste izorratu duen lurraldean lanpostuak sortzeko, turismo alternatiboa sustatzeko eta ekonomia pizteko onuragarria" izanen da egitasmoa, eta ez dute herri galdeketa egiteko asmorik azaldu. "Desadostasunei inposiziorik gabe aurre egiteko tresna demokratikoak badaude", dio plataformak. Ikusiko da Geroa Baik zer erantzuten dion. | news |
argia-6d2adcd34f83 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/greziak-ezin-ditu-gelditu-europarantz-datozen-beste-milioi-bat-iheslari.html | Greziak ezin ditu gelditu Europarantz datozen beste milioi bat iheslari | Pello Zubiria Kamino | 2016-02-14 | Greziak ezin ditu gelditu Europarantz datozen beste milioi bat iheslari
Europar asko kexu diren arren dagoenekoz etorkin gehiegi hartu dituztelako etxean, 2016an ohartuko dira errefuxiatuen krisia hasi baizik ez dela egin. Kalkulurik kontserbadoreenetan milioi bat gehiago iritsiko dira aurten, funtsean Ekialde Hurbiletik. Krisi ekonomikoarekin batera gertatu delarik, Europaren arkitektura politikoa kolokan jarri du infernutik ihesi bizimodu bila iritsitako jendeon etorrerak.
Europa ez dago mundu mailako errefuxiatuen krisiaren abangoardian, idatzi du Foreign Policy aldizkarian Christian Carylek : "Hedabideetako kronika eta irudietan erakusten zaizkigulako jendeak Hungariako soroetan barrena eta leporaino betetako itsasontzietan iristen Mediterraneoko kostaldera, uste izan dugu gauzak horrela direla. Baina errealitatea oso bestelakoa da planeta mailan. Datuek erakusten dutenez, lekuz aldatutako jende gehiena bizi da zer eskainirik ez daukaten herrialde behartsuetan; ez du aldatzeko itxurarik eta etorkizunean kalte handiak eragingo ditu honek".
Jordaniak, esaterako, ia 700.000 errefuxiatu dauzka bere kanpalekuetan, askotxo ahalmen ekonomiko gutxiko herrialdearen 6,6 milioi biztanleentzako. Carlylek oroitarazi du hain aspaldikoa ez den adibide historiko bat, alegia Pakistan hasi zela egonkortasuna galtzen 1980ko hamarkadan Afganistandik milioika iheslari iritsi zitzaizkionean. Esan nahi baita, Libano, Turkia, Jordania eta enparauetako egonkortasun politiko eta soziala ez dituela onik utziko uholdeak.
Baina europarrak ez ditu horrek kezkatzen, Danimarka edo Holandako herritarrari ez aipa Jordanian estuago dabiltzanik. Europako herritarrek sentitzen dute bere bizimodua dagoenekoz aski aldatu dietela etorkin berriok, berdin da beren inguruetan ugari ez badira ere: telebistan ikusi dituzte hurbiletik. Aski dituzte orain artekoak, diote... ohartu gabe uhin gehiago datozkiela atarira.
Ez da gehiago paradisurik Europan. Danimarkak eta Suitzak bitxiak eta dirua kenduko dizkie iheslariei. Alemaniak berdin. Norvegiak atzera Errusiara bidaltzen ditu siriarrak. Suedia, Holanda, zer esanik ez Hungaria edo komunista izandako herrialdeak... Asko urritu behar izan du gizatasunak herritarren artean, politikariek hauteskundeen emaitzei begira horrelakoak erabakitzen dituztenerako.
2016ko udaberritik aurrera uholde berria prebenitzeko ahaleginean, Europar Batasunako gobernuek ugaritzen dituzte proposamenak. Alanbre hesi gehiago eraiki. Fronterak itxi. Soberan diren iheslariak sorterrira deportatu. Greziari mugak zaintzen laguntzera militar gehiago bidali. Turkiari ordaindu errefuxiatuak bere lurrean luzaroago eduki ditzan.
Turkia, Grezia eta Alemaniak protagonismo berezia daukate etorkin olatu erraldoiaren kudeaketan, Paul Mason kazetari ingelesak azaldu duenez " Europe's refugee story has hardly begun " (Europako errefuxiatuen istorioa hasi besterik ez da egin) kronikan.
Channel 4 telebista publikoko kazetari famatuaren ustean Alemania erabaki zailen aurrean dago: "Asilo bila datozenak hartu ahal izateko prest bazaude Estatuaren aurrekontuetan defizita onartzeko, nola esplikatu Angela Merkelen murrizketa basatiek zanpatu dituzten herritarrei dirurik ez zeneukala azpiegitura eta beste inbertsioetarako?".
Egia da Alemaniara jo dutela iheslari gehienek, iaz milioi bat inguru. Herri eta hiri askotako bizimodua aldatu du horiek aterpetu beharrak: harrerarako txoko probisionalak, etxebizitzak, elikatu, hizkuntza irakatsi, umeak eskolaratu, helduei lana bilatu ... Adibietzat, ARTE telebista franko-alemanak otsailaren 2an erakutsi du hori nola egiten duten Sasbachwalden herrian, 2.400 biztanleko udalerrian 700 errefuxiatu sartuta. Gurean famatu egin den Baigorriren kasuak –ziento erdi, kopuru handia hemengoentzat– hutsa dirudi Sasbachwaldenen aldean.
Koloniako eraso sexistek harrotu zituzten hautsak, baina hori baino askoz gehiago da, II. Mundu Gerratik Europan ezagutu duen masa mugimendu handienak Alemaniako gizartea eta ekonomia astindu ditu. Iheslarien aterpetzearen inguruko negozioak berotu ere bai: kontainer gisako etxe probisionalak saltzen dituztenak eta segurtasun konpainiak zorioneko daude, aspaldiko negoziorik borobilena egokituta.
Politika versus bihotz oneko jendeak
Etorkin uhina Turkian barrena datorkio Europari, eta Turkia atzeraldi politiko orokor batean murgilduta dago, Paul Masonek moral implosion definitu duen prozesuan. Recep Tayyip Erdoganek Kurdistango eskualdea gerra eremu bihurtu ditu. Cumhuriyet aldizkariko bi kazetari bizitza osorako espetxera kondenatu nahi ditu, ikertu ondoren argitaratu dutelako Ankarako agintariek Estatu Islamiarra armaz hornitu dutela.
"Ez da epaile bitxi baten erabakia –dio Masonek– Erdoganek berak eskatu du 30 urteko zigorra. Eta Erdoganen Turkiak oraindik nahi du Europar Batasunean sartzea, OTANen bazkide izaten segitzen du eta gaurdaino Bruselatik inork ez dio hitz bat esan".
Batetik Europar Batasuna gero eta eskuineratuagoa, Turkia bestetik, zepoan harrapatuta daukate Grezia. Diplomatikoki masakratua izateko zorian. Kontrola ezinezko itsas hegi eder bezain konplikatu baten jabe izanik, Bruselatik ultimatuma ere bidali zaio, hilabete gutxitan lortzen ez badu Turkiatik datorren iturria butxatzen Schengen itunetik kanporatuko dutela. Greziarrei iseka egiten hasita, badira proposatu dutenak Grezia isolatzeko burdin hesi berri bat eraikitzea... Europar Batasunakoa ez den Mazedoniako aldetik!
Esku batean akuilua eta bestean azenarioa, diplomatiko alemanek filtratu dute Merkel prest legokeela Grezia saritzeko iheslariak geldiarazteko ahalegina: 400.000 errefuxiatu Greziako kanpalekuetan preso edukitzearen truke, greziarren zorra kitatzea.
Financial Times en Gideon Rachman ek zehatzago aitortu du plana: "Eredua izan litezke II. Mundu Gerra ostean atzerriratuentzako eraikitako kanpamenduak. (...) Akordioaren hari nagusiak sinpleak lirateke. Greziak onartzen du Iparraldeko frontera zigilatzea Europar Batasunaren laguntzarekin, horrela blokatuz Europako Iparraldera datorren jende etorrera. Ordainetan, Alemaniak onartzen du Greziaren zorraren parte handi bat barkatzea eta Greziari laguntza berezia ematea iheslarien krisia kudeatu ahal izan dezan".
2008ko krisi ekonomiko erraldoiak, horrela, jauzi berri bat ezagutuko luke Greziarentzako: ekonomia suntsitu dizugu, gizartearen oreka eraitsi, arnasa ere ukatu, baina orain kontratatuko zaitugu atzerritarren poliziatzat.
Politikakerietatik at, zorionez, jendea geratzen da, Paul Masonentzat: "Isilik eta erretolikarik gabe, errefuxiatuei laguntzeko mugen gainetik sekula ikusi den elkartasun mugimendu handiena piztu da. Elizak, GKEak, udalak, zerbitzu sozialak, gehi agenda handietatik at bizi diren jende korrienteak... horiek guztiak ari dira pertsonak salbatzen, jana, edana eta arropa ematen, eta baita etxean bezala senti daitezen ahalegintzen ere". | news |
argia-4732a6f971cb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/leiala.html | Leiala | Igor Estankona | 2016-02-14 | Leiala
Mundua betetzen zenuten
Tere Irastortza
Poesia. Pamiela, 2015
Poesia idazteko modu jakin bati leial zaio, Gabeziak (1980) eta ondoren etorri diren beste hamar liburuetan ageri denez. Tere Irastortza idazle atipikoa da, poesia klasikoa ateratzen zaio dolutik, ez daki idazten modu lauan. Edo agian laua dirudi bere lirikak, baina prosa ere ez da. Horregatik, ipuinetan legez, liburu honetan ere aurrera eta aurrera animatzen zaitu beti, jakin arren ez zarela iritsiko hasierako puntura baino. Bidaiak, ordea, lagundu egingo dizu ideiak ordenatzen eta oinaze bat unibertsala konpartitzen: joan direnena guri hemen utzita, denbora guzti honekin aurretik.
Gustatu zait Mundua betetzen zenuten (Pamiela, 2015), poesia mota hau gustatzen zaidalako, eta inbidia diedalako kapaz direnei ezinezko maitasunetatik ateratzeko maitasun posibleak: "Sekula irudikatu gabeko zenbat gauza/ egin dugun elkar gozatuz,/ (…) elkarrekin oheratu gintezkeela/ gauero eta esnatu goizean,/ elkarrekin tolesta genezakeela lixatutako arropa,// eta irudikatutako zenbat segundo bizi izan dugun,// orain irudikatuta ere atrapa ezin izango direnak/ sekula". Liburua gozamena da erritmo aldetik, festina lente doa, eta ezusteko esapideak ditu, jolas egiten du hizkuntzaren mikaztasunarekin. Zehatza du mintzoa baina loreak daude nonahi: "eta geroa irakinaraziz lurrintzen den sukaldeetan/ arnasarik eza aditzen da pasa-ezinka".
Anekdotaren aldean nahiago du Tere Irastortzak hitz egin sakontasunez. Eta azalekoaren aldean Mundua betetzen zenuten gai lodien inguruko saiakera poetiko arin bihurtu du: amodioa, denbora, heriotza dakartza. Denak datoz bitalismo eskergarri batean bildurik.
Eta nahasten zaizkio hainbeste penaren artean izan zena, ezin izan zena izan, eta eternitatea bera. Lurretik zerura eta atzera ere lurrera datorren guztia iruditzen zaio ulertezin baina era berean bizigarri. Dena bukatuko da, noski. Bitartean eginikoari kantatzen dio, ostera, orrialderik orrialde. Izan gizakiaz ari denean, izan Karmele Igartuaren (1959-2010) gaixotasunaz, etengabe harritzen nau nola hitz egiten duen idazleak mugarik ez balitz bezala, denborarik ez balitz bezala, bakoitzak bere patua asmatu ahalko balu legez: "Izan ezinean egon nahi izan dut,/ eta nago". Liburu honek frogatzen du, funtsean, edertasuna antzaldatu egiten duela usteltzeak, eta amaiera izan daitekeela berriro haste bat, edo depresioa ikasbide latzena. Buelta ematen die Irastortzak konbentzioei, eta poemen eitea bada ere ia beti bat eta ia beti ortodoxoa, azpitik dakarren esanahia da bizitzaren mugimenduarena, dantzatu behar den mambo horrena: "geu ginela (…)/ eskua emanda salto egiten asmatu zuten/ bi neskatxak". n | news |
argia-20cb8b153fc3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/tori-danbateko-garaikidea.html | Tori danbateko garaikidea! | Iker Barandiaran | 2016-02-14 | Tori danbateko garaikidea!
Latigo
SONIC TRASH
Brixton Rds, 2015
Banekien Sonic Trash taldearen oinarria milurtekoaren hasieran Bilbon sortutako Ya Te Digo taldetik zetorrela, baina izen hark –Ya Te Digo– interes puntua ezabatu zidan eta ez nien jaramonik egin. Gerora jakin nuen 2000an, maketa bakarra zutela, Bilbo Hiria lehiaketa ospetsuan euskal talde onenaren saria eskuratu zutela. Hiru disko luze ( Uruhue –2001, Kill switch –2005 eta Trash tango –2008) eta hainbat lan txikiago kaleratu, eta bereziki Bizkaian kontzertu ugari egin zituzten, betiere soinu-distortsio paretak eraiki, gitarra eta erritmo gogor zein barnerakoiak landuz eta Daviden ahotsari esker ukitu bereizgarriagoa –indieagoa?– emanez.
Horren atzetik Sonic Trash taldea etorri zen Ya Te Digo lurperatu eta entzuleari zaplazteko handiagoa emateko helburua zuena. Eta, bide batez, bestelako musika zaleen arreta ere piztu zuen. 2011n Hey chica lan luzea kaleratu eta taldeak indartuta zegoela erakutsi zuen. Gainera, bueltan zen hastapenetako Mariana bateria jotzailea ere.
Sonic Trasheko taldekideak musika zale amorratuak dira, eroak ia, eta hori nabaria da beraien diskoetan. Izan ere, ezinezkoa da egiten dutenari izena jartzea, hain da irekia, erraietakoa, garaikidea, iluna, itsaskorra eta aldi berean bortitza. Hala ere, taldearen azken lan itzela, Latigo seguruenik oharkabean pasako da!
Diskoa zabaltzen duen El baile del cocodrilo ren danbatekoak lurrera botako zaitu: arnasa kentzen duten bateria kolpeak, blues zikin azkarra, misteriotsua eta iluna, erabat rockeroa. El caminante , berriz, post-rocka da, distortsio, tarte xuxurlatu eta koro borobilak dituena. Santo Tomas abesti osatuena da, borobila: aspaldi entzun dudan power-pop pieza irmoena. Uauuu! Zamudio boogiek punketik, metaletik eta Jon Spencer Blues Explosionetik edaten du. Agonia espaziala eta arraroa da, intriga handikoa. Bang bihotz handiko rock gogorra pop eta garagearekin bat eginda. Latigo gaztelaniazko high-energya, ukituz gero erretzen duena. Reinas high-energy, gitarra makur eta punk-rockarekin egindako entsalada. Amodio post-hardcore, free askea eta pop-rockaren ezkontza. Eta, azkenik, Venganza , techno industrialaren eremuetara axolagabeki hurbiltzen den pieza rockero oso-oso iluna.
Kristoren aurkikuntza da taldea, erabatekoa. Indartsua da oso, zapalgailu hutsa, gitarrak muturreraino okertu, erritmo sakon eta pisutsuak landu, post-rock giro ilunagoetatik rock egiazkoenera bueltatu eta zuku handiena ateratzen diona. Eta horren guztiaren gainetik –edo alboan– ia kontraste gisa xuxurlatzetik, iradokitzetik edo oihukatzetik erregistro sarkorrak hartzen dituen Daviden ahotsa eta hitz erdi kriptikoak. | news |
argia-2b72c05d5f93 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/zinkan-bero.html | Zinkan bero | Joanes Etxebarria | 2016-02-14 | Zinkan bero
Muguruzak kantatu zuen: "Zinkaz ari diren gazte horiek ez dute hotzik sentitzen". Ulertzen dut erranahia, baina Mauleko Zinka ostatura neguan sartu denak badaki hotza sentitzen dutela, eta hezurretaraino gainera!
Hotza udan ere senti daiteke urte batzuetan. Borondate onenarekin egitaraua prestatu eta gero, Mauleko bestak triste atera, jenderik ez, dirurik ez, eta urteko gastuak ziurtatzeko zailtasunak... hotza.
Kolektiboak kartsuki abiatu ohi dira antolatzaile lanak egitera, baina urteak joan eta haiek ere hozten dira, edo sinpleki akitzen, lekukoa beste talde bati emanez. Izan dira ere gaualdi hotzak, baina non ez?
Gehien hoztu nauena azken berria da. Zinkaz ari diren gazteek jakinarazi dute pertsona batzuk gauez sartu zirela ostatuan, ateak bortxatuz. Diru bila joan baziren haiek ere ederki hoztuko ziren han barnean. Besterik nahi bazuten, ulergaitza da. Karrika bereko beste ostatu batean sartu ziren beste ezezagun batzuk duela aspaldi. Zergatik eskuzabalenak eta pobreenak ebatsi nahi dira?
Antolatzaileek berek, erantzun ederrena eman zuten sare sozialetan: "Bortak denentzat zabalik dira, ez dira bortxatu behar". | news |
argia-3544808d0359 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/bi-uren-artetik.html | Bi uren artetik | Bea Salaberri | 2016-02-14 | Bi uren artetik
Iragarri dute Baionako Planning Familial elkartearen hestea. Elkarte horiek herri zokoetara heltzeko sortu ziren gerla ondoko giroan, emazteen eskubideen defendatzeko. Hastapenean ardatz bazituzten kontrazepzioa eta abortuaren legeztatzea eta informazioa, berantago zabaldu zuten ildoa, askapen eta berdintasunaren alde, diskriminazioen eta bortizkeria mota guztien salatzeko, beti herri mugimenduaren oinarriekin, popularrak, hurbilak, brikolaje girokoak, hezitzaile rol garrantzitsuarekin. Gainera transmisio helburua ere zuten, belaunaldi batetik bestera aldarrikapenen jarraitzea, hezkuntza bideratzea, lortuaren bermatzea. Urak bidea egin zuen. Sozialistak boterera heltzean, oro har, bere eginen zituzten gai eta aldarrikapen feministak, baita hortik landa gaia instituzionalizatu, legerien bidea zabalduz. Herrietan gaindi lanean segitu zuten mugimendu herrikoiek; gaur ere hor diraute emazte antolakunde zabal anitzek, aldarrikapenak ozen eta happeningaz jantzirik eramaten trebe. Iparraldean ez dira eskas emazte elkarteak, erranen didazue, alta gero eta gutxiago dira, oihartzun gero eta ahulagokoak.
Baionako Planninga hetsiko da eta beste lurraldeetakoak mehatxu berarekin dira. Zerratzearen arrazoien artean aitzina segitzeko militante eskasa aipatu da; nehor gutxi baizik ez da informatze permanentzien egiteko: ospitaleko zerbitzu gaindituetara jo beharko da, bestalde informaziorako bide anitz ba omen dugu gaurko egunean, alha alde orotan. Alha bai, bila doanarentzat eta informazio xuxena gainerakoarengandik bereizten dakienarentzat.
Pentsa dezakegu aitzinatua dela dena, erakunde erraldoien eta politikarien esku uzteko, behartsua bideratuz webgune zenbaitetara edo zerbitzu goizetik arrats galkatuetara. Alta, aitzinekoen lorpenak gauza finko, bermatu eta definitiboak direnik ez da egia. Goizero gertakari nahiz detaile berri batek ilustratzen du. Iaz, Emazteen Eskubideen Behatokia hesten zen; finantzamendu istorio. Atzo, bikote gazte bati so, mutikoaren jokamoldeak bezainbat, neskaren onespenak harritu ninduen: gaurko neskak gehiegi isiltzen dira. Auzoko farmaziako nagusia pleinitzen da gazteen desinformazioaz, biharamuneko pilulen salmenta beste antisorgailu edo preserbatiboena baino anitzez handiagoa du; hormona gaindosien ondorioez alarmista da. 2015ean (ofizialki) sei emazte hil ziren senarraren eskutik Euskal Herrian, 2014an Frantziak 134koa aitzinatzen zuen. Ez dakigu zenbatek zuen etxetik ihes egin, zenbatek jazarpena jasan lantokian, zenbatek beharrean ez asmatu norengana itzul laguntza edo aholku bila. Ultra taldeek ez dute okasio bakarra huts egiten eskubiderik arruntena eztabaidan jartzeko. Dena bat.
Uren kontra ez bagabiltza, bi uren artetik agian bai, etengabeko erronka berriei buru egin nahian, iraganeko auziak nahiz lorpenak baliatuak, zainduak eta transmitituak direla segur izan gabe. Badirudi Euskal Herrian beste lekutan bezala, feminismoak badituela mugimenduak, diskurtsoak, ahotsak, mobilizazioak, erakundeetara heltzeko asmoa, neurtzen ez dudana da ea nola eginen dugun erritmo honetan jarraituz, gurean behintzat, erroturik geratzeko gizartean, mugimendu popularra izaten segitzeko. Dena ukanik ere eskura, sare, liburu eta aldizkaritan, tresna horiek ez lezakete ordezka hurbileko sare eta iniziatiba, funtsezkoa herria bada eta auzokoari ez huts egitea. Bestela, laster, lortua suntsiturik gertatu eta beharko da gibelera egin konpontzeko. Besterik ez baikenuke eskas. | news |
argia-599136365760 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/espainiak-1-iranek-3.html | Espainiak 1-Iranek 3 | Jakoba Errekondo | 2016-02-14 | Espainiak 1-Iranek 3
Sona gehien duen azafraia, Crocus sativus , espainiarra da. Mundu guztiak azafrai espainiarra saltzen du. Munduan ekoizten den azafrai ugari Espainiara joaten da, eta bertakoa balitz bezala saltzen da. Ikaragarrizko lapurreta dago antolatua. Garestia da, oso garestia, eta iruzurra latza.
Espainian Mantxan, babestutako jatorrizko izendapenen barruan, eta Aragoin, azken hamabost urteetan, batez beste, 2.800en bat kilo ekoitzi ziren. Ekoizpen txikia badirudi ere, ez da txantxetakoa: kilo bete azafrai sortzeko milioi laurden lore bildu behar da. Lan txatxua da: lorearen barruko lorexakiak edo estigmak dira espezia, eta, lorea ttikia izanik, hiru piru hari horiek kentzea, seko gogaikarria.
Espainiar azafraia izenarekin 36.000 kilo eskas esportatu da hamabost urte horietan. Eta, non arraiotik sortu dira bertan sortu gabeko beste 33.200 kilo horiek? Poetak dioen eran, tona horiek ez dira, ez alazankoa, baratze-saguzarraren eguerdiko doministikua! Tona pila hori, batez ere, Marokotik eta Irandik dator, merke zuhurrean egina. Batez ere, Irandik; ez alferrik, bera da munduko ekoizle nagusia.
Bada, aurkeztu berri dute azafrai "immigrantea" antzeman eta ezagutzeko teknika bat. Lorearen pirutxoak bildu ahala ahal den azkarrena lehortzea komeni da, alferrik galdu gabe luze iraun dezan. Horretarako toki bakoitzean teknika desberdinak erabiltzen dira. Espainian, agidanean, bahe batzuetan zabaldu eta hura suaren edo txingarren aldamenean jartzen dute 70 ºC inguruan. Horrek, itxuraz, oxidazio berezi batzuk eragiten dizkio, eta nabarmen azalduko du azafraiaren jatorria.
Oxidazioa gorabehera, patrikak igarriko dio jatorriari: espainiarra eskuratzeko, gramo bakar bat hiru euro ordaindu beharko dituzu. Irandarra, aldiz, hiru euro horiekin hiru gramo dituzu. | news |
argia-d3436faf43e6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/ni-paleto-zu-bai-kosmopaletoa.html | Ni 'paleto'? Zu bai kosmopaletoa! | Onintza Irureta Azkune | 2016-02-14 | Ni 'paleto'? Zu bai kosmopaletoa!
Komikian hiru pertsonaia. Euskara gutxiesten duen enegarrena da bat. Bigarrena, feminista eta euskaldun ahaldundua da. Hirugarrenak euskararen aurkako diskurtsoak barneratuta dauzka, euskalduna eta euskaltzalea izan arren. Feminista ahaldunduak eskua botako dio lagunari. Mikel Ozaitak garatu du ahalduntzearen inguruko diskurtsoa eta Ainara Azpiazu Axpik komikira ekarri du.
Mikel Ozaitaren (Euskaltzaleen Topaguneko Kohesio eta Sentsibilizazio arduraduna) ustez, euskararen aurkako diskurtsoak lantzen epel eta apal gabiltza, diskurtsoei aurre egitea ez bururatzeraino. Feminismoak berriz, kontzeptualizazioan eta praktiketan dituen proposamenekin, batez ere euskaltzale belaunaldi berriak aktibatu daitezkeela iruditzen zaio, umorez eta inteligentziz lan eginez gero.
Machirulo/kosmopaleto, puta/cashero, euskararen diskurtsoei aurre egiteko hainbat zertzelada Mugimendu Feministaren teoria eta praktiken iturrietatik lana egin du eta Axpi marrazkilariari eskatu dio komikira ekartzeko. "Erreferente feministak ekarpen freskoa egin dio ahaldundu gabe dagoen lagun euskaldunari", dio Axpik. Ozaitak naturaltzat hartu ohi dugun zapalkuntza azpimarratu du, nola ez garen ohartzen zapalduta gaudela, baina nola –komikian behintzat– ahalduntze prozesua egin dezakegun.
Feminismoaren aurkako diskurtsoek erabiltzen dituzten hainbat kontzeptu bereganatu ditu (konnotazio negatiboak positibo bihurtuz) mugimendu feministak, eta komiki honetan ere halako saiakera bat egin da. Feminismoak, adibidez, erasoak eta erasotzaileak identifikatzeko eta salatzeko machirulo kontzeptua erabiltzen du. Puta terminoa ere bere egin du, puta deitzen dio bere buruari baldin eta puta izatea sexualki askea eta independentea izatea bada. Antzeko ariketa egiten hasita, Ozaitak eta Axpik komikiko elebakarrari kosmopaleto deitzea proposatzen digute. Elebakarraren ustez, bera kosmopolita da, gutxiestekoa den hizkuntza, euskara, ez du hitz egiten, eta aldiz, prestigioko hizkuntza darabil ahoan. Ozaita eta Axpiren iritziz ordea, paleto bat baino ez da. Bestalde, euskal hiztunen aurka gaitzespenez erabiltzen duten cashero terminoari buelta eman ahal diogu: baserritarrak gara, munduko langileen %70 baserritarrak dira, ingurumena, naturaren aniztasuna zaintzen dugunak gara.
Euskaraz hitz egitea=hizkuntza gatazka
Euskararen aurkako diskurtsoei inteligentziz, umorez eta sormenez erantzun behar diegula diote biek. Erdaldunak limurtu eta erakarri behar diren ustetik gatozela esan diegu. Axpik hala dio: "Limurtzea eta erakartzea ez daude soberan, baina egoera bakoitzari bere izena eman behar zaio". Ados dago Ozaita, hartzailearen arabera diskurtsoa egokitu behar dela dio.
Hizkuntza gatazkaz ondoko hausnarketa egin du Ozaitak: gatazka egoerak daude eta gatazka mahai gainean jarri behar da. Emakumeek eraldaketarako edo botere asimetriak azaleratzeko gorputza erabiltzen dute. Euskal hiztunok hitza daukagu, hau da, euskaraz hitz egitea; beraz, toki jakinetan euskaraz hitz eginda, hizkuntza-gatazka mahai gainean jartzen dugu. Adibide bat jarriko dut. Egiten ari naizen masterreko ikasgelan euskaraz egiten badut, antzematen dut hizkuntza gatazka agerian jartzen dudala. Ikasle batzuk Espainiako Estatukoak dira. Eta kontu, feministak dira.
Zenbait egoeratan euskaraz egite hutsak gauzak alda ditzake, hain erraza eta hain zaila da era berean. Irabazteko eta galtzeko izango duzu euskaraz egiten baduzu. Euskaraz ari bazara ikasgelan eta irakaslea badator, boterea irakasleak du. Epaiketa badaukazu eta akusatua bazara, eta euskaraz egiten baduzu, galtzeko aukera gehiago dituzu. Gure borroka-tresna hitza da. Zenbait tokitan legeak babesten gaitu, esate baterako Gipuzkoan. Agian medikuarenera joan behar dugu euskararen txantxangorriaren pina (Eusko Jaurlaritzak euskara sustatzeko egindako azken kanpaina) jarrita eta medikuari esango diogu bere nagusiak esan digula jartzeko. "Ni euskaraz hitz egiten ari naiz, besterik gabe".
Euskaltzaleentzako jabekuntza eskolak
Mikel Ozaitak, bere lanean, euskaltzaleen jabekuntza eskolak sortzea proposatzen du. Kafe antzokiak ditu gogoan, non euskaldunak elkartzen diren, kultura zapaldu bateko hiztunak. Kafe antzokian ordea, euskaldunak ikusle pasibo direla uste du, gainera inbertsio handia eskatzen dute. Ez du uste euskara elkarteak ere euskaltzaleak aktibatzeko egituratuta daudenik.
Feminismora egingo du jauzi eta emakumeen txokoak datozkio gogora, Basauriko Marienea, Donostiako Emakumeen Etxea eta Hernanin sortze bidean dena aipatu ditu. Gune horietan mugimenduon eta erakunde publikoen arteko lankidetza dago, baina ez da hori Ozaitaren arreta gehien piztu duena, baizik eta txoko horietan hausnarketa bultzatzen dela, ekintzara bideratuta daudela, finean aktibismoa sustatzen dutela. Euskal hiztunentzat ere, aktibaziorako gune irekiak irudikatzen ditu. Euskaltzaleentzat, eta agian, hemen bizi diren beste jatorri batzuetako hiztunentzat. Hizkuntzen etxea izan dadila, beti ere kohesio hizkuntza euskara dela.
Axpiri eta Ozaitari galdetu diegu komikiaz gain ea euskaltzaleen aktibaziorako bestelako zein ekintza mota duten gogoan. Axpik ilustratzailea dela aldarrikatu du eta performanceak Lutxo Egiarentzat utzi ditu. Alabaina, komikiaren inguruan egitasmoren bat garatuko balitz parte hartuko lukeela dio. Dena dela, galdetu du ea Donostiako Egia auzoan egin duten kanpaina ez ote den performancea: urtarriletik martxora elkarteek eta norbanakoek konpromisoa hartu dute astebetez euskara hutsean bizitzeko ahalegina egiteko.
Ozaitak aipatu du Soraluzen euskaltzaleak ahalduntzeko eskola moduko batean biltzen hastekoak direla. Gaineratu du bestelako gizarte mugimenduekin, bestelako arte adierazpenekin, harremanetan jartzen asmatu behar dela, orain arte bakoitza berean ibili delako, euskaldunak euskaldunentzat aritu direlako, eta lubakietatik ateratzeko garaia dela. | news |
argia-db8e7dc32b88 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/aukera-galdua.html | Aukera galdua | Xabier Letona | 2016-02-14 | Aukera galdua
Izan ala ez izan. Eman balore politikoa ala ez eman. Eskubideak bete ala ez bete. Aldatu ala ez aldatu. Eta ez aldatzearen aldeko hautua egin du Nafarroako Gobernuak; euskaldunek erdal hiztunek baino eskubide gutxiago izan dezaten erabaki du. Gogorra eta latza, baina hala da. Euskal hiztunen komunitateak kolpe latza hartu du Hezkuntza Sailak erabaki duen Enplegu Publikorako Eskaintzarekin.
Bi gai nagusi zeuden erabakitzeko. Bata, EPEaren plaza kopurua. José Luis Mendozaren Hezkuntza Sailak azarotik defendatu izan du 2016rako 334 plaza aterako zirela, 228 euskaraz eta 92 gaztelaniaz. Azkenean, Madrilgo Gobernuaren helegitearen ondorioz, 200 plaza bakarrik aterako ditu, horietatik 108 euskaraz eta 92 gaztelaniaz. Banatu daitezke plazak beste era batera, segurtasun juridikoak euskarazko 120 plazetan bakarrik eragin ez dezan, baina bego: Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak erabaki arte, neurri zentzuzkoa izan daiteke eta onargarria. Autogobernuaren defentsa oinarri hartuta aurrera ere egin zitekeen, baina horrekin bestelako eztabaida batean sartuko ginateke.
Onargarria ez dena da irakasleen zerrenda bakarrarekin egin duena. Suhiltzaileak, medikuak, erizainak eta funtzio publikoko edozein esparru meritu eta gaitasunen araberako zerrenda bakarretan oinarritzen dira. Ez Nafarroan bakarrik, Espainiako Estatuko erkidego guztietan da hala.
Nafarroako hezkuntzan ez, hemen bi zerrenda dira, bata klaseak euskaraz ematea hautatu behar duen irakasleentzat eta bestea gaztelaniaz ematearen aldeko hautua egiten dutenentzat. Euskalduna behartzen dute bakarrik plaza batzuetarako aukera izatera, berak osotasunerako gaitasuna duenean. UPNk eta PSNk jarritako sistema da, haien arabera bestela euskaldunek abantaila dutelako gaztelaniaz bakarrik dakitenen aurrean. Gehiago dakizula? Bada, tori eskubide gutxiago. AFAPNA sindikatu nabarristak ere argi dio: "Euskarazko oposiziogileek aukera lukete gaztelaniazko eta euskarazko plazak lortzeko, eta gaztelaniazko oposiziogileek ez".
Nafarroako euskaldunen aspaldiko aldarrikapena da hori eta pentsatzen zen oraingoan lortuko zela. Geroa Bai eta EH Bildu horren aldekoak ziren, eta Ahal Duguk eta Ezkerrak ere euskararen eskubide berdintasunaren aldeko jarrera agertu ohi dute. Teorian. Teorian diot, gero errealitatean argi ikusi baita beren baitako hainbat sektorek, CCOOk, UPNk, PSNk eta abarren jarrerak haiengan ere eragin handia duela. Gainera, José Luis Mendozak berak zerrenda bakarraren aldeko jarrera argia erakutsi zuen Euskara Kultur Elkargoan jardun zuenean.
Aukera oso egokia zen: Espainiako Gobernuak –ohi legez– modu txarrean blokeatu duela plaza kopuru bat, Gobernuaren nahia baldintzatuz? Ados, baina egin aurrera beste esparruan, zerrenda bakarraren asmoan. Bada ez bata, ez bestea. Zer irudi geratzen da? Gobernuak ez duela indarrik berak sinesten duena egiteko, bere baitan gutxiengoa duen indar batek –Ezkerrak– ziria sartu duela eta CCOO, UPN, PSN eta Diario de Navarra ren presioa oso eraginkorra dela.
Badakigu boteretsuak direla, inozoa litzateke hori aintzat ez hartzea, baina aldaketaren gobernuaren desafioa horixe da, haiek nahi ez duten beste hainbat alorretan aldaketak eragitea. Egin daitezke aldaketak Sinboloen Legean, esparru sozialean neurri ugari onartu ditu jada Gobernuak, zerga erreforma, Opuseko instituzioei ematen zaien faborezko tratuen aurkako neurriak… baina euskarara iristean, ezin da. Etsigarria.
Berak onartua duen bezala, EPEaren gaiarekin gaizki hasi zen Hezkuntza Saila, eta gaizki bukatu du. Pedagogia falta leporatu zitzaion hasieran, eta berak onartu, eta berdin egin du amaieran, oraingoz bederen ez baitie azaldu euskaldunei zergatik ezin den abian jarri zerrenda bakarra.
Ekonomiak baldintzatuko ditu gobernuaren neurri asko, eta ahal dena egin beharko da, borondate handienarekin eta pedagogia askorekin. Baina hainbat neurri arre edo iso dira, eta zerrenda bakarrarena zen horietakoa. Aukera galdua, ahuldade irudia, etsipena eta amorrua sektore euskaltzaleetan, horiek dira EPEaren kapitulu honek utzitako ondorio nagusiak.
Gobernuan eta berau sostengatzen duten sektore politiko eta sozialetan ere zauriak utziko ditu erabakiak; topatu beharko dira bideak zorna ez daitezen, alternatibak ez baitu bestelako aukerarik uzten. | news |
argia-1a66ea68e37a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/zer-moduz-itxuran.html | Zer moduz? Itxuran! | I�aki Murua | 2016-02-14 | Zer moduz? Itxuran!
Itxuratu, horixe da lehentasuna egungo gizartean, ezta? Irudia, ontzia, formak… zenbakiak, kopuruak, bisitak… kontzeptu horiekin betetzen zaigu ahoa, bihotza hustu ahala. Disimulatzen ere asmatu ezinik gabiltza; asko jakin behar baita ongi disimulatzeko, eta gainera asmatu egin behar. Nagiak ondo atera gabekoaren pausoan goaz eskolara zein parrandara edo bietatik itzultzean. Nola sosegatu sabeleko tristura, batzuk eta hutsunea bestetzuk? Sabelpekoarekin ere beste horrenbeste esan nezake, ala?
Hutsik dagoen bihotzak hutsune horiek sentitzen al ditu? Ala, beste hutsune horiek hustu digute bihotza? Ez da gezurra ontzi hutsak ateratzen duela hotsik gehien; egizu txistu zeu beste inor gabe zaudenean tunel batean, zenbat eta luzeago (txistua nahiz tunela) eta eternoago entzungo duzu erantzuna. Tunel hori jendez lepo dagoela txistu jotzen baduzu, berriz, askozaz apalago entzungo da, baina tunela jendez bete nahian lanean jardun duenari izugarri luzatuko diozu tunela. Hutsaren hurrengo bihurtuko duzu haren lana eta, bere baitan, hustasunak egingo du oihartzun!
Iazko udazkenak aurtengo neguari terrenoa jan dionean eta neguak ez musika ez partitura aurkeztu ez digunean, elur maluten ordez errugabeko haurra lurrera amilarazi dugula ikusita, negu beltza irudi. Egunero dauzkagu motiboak geroa beltz ikusteko; pauso nagiz mugitzeko. Batzuetan geuk ondo egindako lana zapuztu digutelako; bestetan guk nahi ez bezala antolatu digutelako ingurua: gizartea, mundua. Gutxi batzuk ondasunak txarkeriaz arpilatu dituztelako eta mundua alde batera kargan jarri, lehen asko dutenengana gehiago joateko egiera edo ixuria emanda!
Nerabe artean nabil, zorionez, eta gurasoak datozkit ("amak" esanda egiago litzateke!) barruko egonezin ozpinduak zein ontzitara bota ez dakitela (zoaz porculo hartzea, subnormala…) edo antzeko erantzunak beren seme-alabengandik noiznahi jasotzeaz gogaituta! Ni prest, ama horiei entzuteko; beren barruko errefusen ontzi bihur nazaten, nahiz eta badakigun barruak betetzeko askoz gehiago egin behar dugula.
Itxurazko mundutik itxuraren mundura dagoen zubitik, jarraian datozenak ere pasa dira: Italian turkiar ministroa datorrelako eskultura biluziak izaraz estali eta otordua ardorik gabe egitea. Danimarkan etorkinei, mantenu kostuak ordainarazteko aitzakian, bitxiak bahitzea legez arauturik; eskolako patroiaren egunean edari alkoholdunak 18 urtez behekoei ez zerbitzatzeko arauak betetzeko itxurak egitea, jai egunetan ez ikusia eginez.
Zubiak modan daude. Alde batetik bestera pasatzeko nahiz, bi aldeak batzeko balio dutelako, omen. Azpitik pasatzen dena ikusteko eta hari begira, ikusmirarekin gozatzen dugulako ere gustuko, noski. Inork ez du aipatu zubipean bizi denik. Igual horregatik ere gustatzen zaizkigu, haiek ezkutuan gordetzeko balio digutelako!?
Zubi itxurazkoak eraiki nahi eta ezinean, errekako ur nahasietan, zopa eginda gabiltzan bitartean, betikoak, erreka ertzetik zopa janez, begira sentitzen ditut. | news |
argia-a27d24ad77bf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2495/garona-berriz-martxan-jartzeko-prozesua-aurrera.html | Garo�a berriz martxan jartzeko prozesua, aurrera | Urko Apaolaza Avila | 2016-02-04 | Garo�a berriz martxan jartzeko prozesua, aurrera
Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak oniritzia eman die zentral nuklearra martxan jartzeko txostenei, Espainiako talde parlamentarioen gehiengoari muzin eginez. Behin betiko erabakia ekainean har dezake.
Asteazken arratsaldean Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren (CSN) plenoak Garoña berriz irekitzeko prozesuan beste urrats bat eman zuen. Espainiako aurreko legegintzaldiko ordezkaritza duen plenoak –PPk du gehiengoa bertan– zentrala berriz martxan jarri eta bere bizitza 60 urtera luzatzeko txosten teknikoei baiezkoa eman zien.
CSNk entzungor egin dio Espainiako Kongresuko alderdi guztiek –PPk izan ezik– prozesua gelditzeko egindako eskariari , Rajoyren gobernua jardunean badago ere.
Azken erabakia 2016ko bigarren seihilekoan har dezake gobernuak, orduan helaraziko baitio kontseiluak behin betiko txostena Espainiako Industria Ministerioari.
Ordurako, Espainian gobernu berria osatuta egotea espero da. Gobernu berri horren iritzia Garoña berriz irekitzearen kontrakoa bada, CSNk orain hartutako erabakiarekin Endesak eta Iberdrolak –zentralaren jabe den Nuclenorrek, alegia– kalte-ordain handiak eskatu ditzakete.
#GaroñaEz #NuklearrikEZ #GaroñaItxi pic.twitter.com/gLm9CKvUpH
— Greenpeace Euskadi (@GreenpeaceEUS) January 22, 2016
Santa Maria de Garoña Burgosen kokaturik dago, Euskal Herriko mugatik oso gertu, eta Espainiako Estatuko zentral nuklearrik zaharrena da. 2012tik geldirik badago ere, ez dago itxita, eta 2031 arte funtzionatzeko eskaera egina du Nuclenorrek. | news |
argia-249106f092a3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/obeditu-ala-lehertu-europako-oligarkiak-ez-du-barkatu-nahi.html | "Obeditu ala lehertu": Europako oligarkiak ez du barkatu nahi | Pello Zubiria Kamino | 2015-07-26 | "Obeditu ala lehertu": Europako oligarkiak ez du barkatu nahi
Greziako gobernu ezkertiarrak ez zeukan kartarik Europako establishment neoliberalari enbido moduan erantzundako Oxi hari eusteko. Une erabakiorrean, François Hollandek gozo, Angela Merkelek gogor, infernua erakutsi diote Tsiprasi: estatuaren porrota, kiebra, kataklismoa. Burua makurtuta ere ez da segurua greziarrak salbatuko direnik.
Errenditzeak ez dizue balioko. Ez esatera ausartu zineten. Orain denari bai esateak ez zaituzte salbatuko. Bost urtez austerizidioz miseriara eraman ostean, itun itxurako inposaketaz bonbardatu du Europako establishmentak Grezia. Europako ezker osoak bizi du haren larruan XXI. mendeko katarsi handi hau, kalamitate berriak iragartzen dituena.
Ez itxaron Keynesi: aspaldi hil zen. Alexis Tsiprasek eta Syrizak ez omen zuten programa sozialista bat aurkezten, soilik betidanik sozialdemokratek defenditu izan dituzten politiken antzeko zerbait, Krugman eta Stiglitz Nobel saridunek bermatzeko modukoa. Barack Obama bera ari zela bultzaka Washingtondik norabide berean. Baina " Niet " entzun da Bruselastik.
Greziako populuaren %62k gaitzetsi duela bost urtez porrota baizik erakutsi ez duen errezeta neoliberala. Kontuz ibiltzeko geopolitikarekin, Europaren ekialdeko mugaldearekin, Turkiarekin, ultraeskuindarren mehatxuarekin... Niet , erantzun du Europako nomenklaturak. Edo obeditzen duzue itsu-itsuan eta orduan ere ez da segurua salbatuko zaretenik, edo hondora zoazte, suntsiketara.
The Guardian ek negoziaketetan zeukan korrespontsal Ian Traynorrek kontatu zuen Merkel, Hollande eta Tsipras aurrez aurre geratu ziren azken bilkura-estualdiaren giroa azaltzeko Europako goi funtzionario batek alderatu ziola bañera tortura saio batekin.
Bost urte lehenago, 2010ean, antzeko zelada bat egin zioten New Yorken Jose Luis Rodriguez Zapaterori, Juan Jose Millas idazle ezagunak El enigma Zapatero -n kontatu duenez. AEBetako banku eta inbertsio funts nagusiekin bildu zen, Espainiarentzako laguntza eske. "Bilera hartan ikusi zen lehendakari konstituzional bat erruki eske de factozko Gobernu bati. Jakina da harez geroztik (lehenagotik ere bai, egia esan) Zapatero hasi zela ordura arte sinesten zuenaren justu alderantzizkoa egiten".
Bañera -n torturatzen duten atxilotuari gertatzen omen zaion bezalatsu, agian Tsiprasek eta Tsakalotosek sinetsiko zuten borreroei denetan amen sinatzearekin arinduko zitzaiela patua. Gurutze-bide oinazetsuaren geldialdia baizik ez zen, ordea.
Argiak uztailaren 12ko azalaren tituluetan ipini zuen: "Greziaren ezetzak Europa berritzea eskatzen du". Hura baikortasunetik sinetsi zuenak orain gauza bera sinetsi beharko du hamabost egun beranduago ezkortasunetik. Europar Batasunaren diseinu ekonomikoa, politikoa eta soziala errotik aldatu beharra erakusten du lokatzetan abandonatutako Greziak.
Eta hala ere, Greziari zorraren zati bat barkatu beharko zaio, beste hainbat herrialderi behin baino gehiagotan (Alemaniari barne) egin bezala. Erreferendumean "Oxi" defenditu zutenen argudio hura geroztik berretsi dute baita austeritate formula neoliberalaren propagandistek ere. Nazioarteko Diru Funtsak berak, horra.
Baina argudioak balio du derrigorrezko Grexita defenditzen dutenentzako ere. Alemanian herritar askok (gehienek?) diotenez, pagatu ezingo dutenez, zertarako eduki bazkide? Greziarrek beren borrero nagusitzat daukaten Wolfgang Schaüblek erreparorik gabe aldarrikatu du eurotik kanporatzea aldi baterako soluzio moduan.
Non da B plan sinesgarria?
Yanis Varufakis finantza ministroak aitortu du publikoki hirugarren memorandum edo erreskatea hitzartzeaz at Atenasko gobernuak ez zeukala B planik. Ura pasa eta gero gutxienekoa da Varufakisek noiz abisatu zuen eta zenbat egin zuen. Euroaren inguruan dagoen makineria erraldoitik irteteko operazio konplexuak lan talde zabala eskatzen zuen, antolaketa serioa, eta ez da egon. Edo Syrizaren zuzendaritzak baloratu zuen ez zegoela B plan errealista batentzako tarterik.
Nork dauka, ordea, gaur Europan horrelakok B planik? Greziako Zorraren Egiaren batzordeko burua den Eric Toussaintek azaldu ditu bere ustez izan behar lituzkeen lerro nagusiak, baina hortik herrialde oso bateko egitura guztiak eurotik at bestelako moneta berri batean artikulatzera mendia dago.
Europako ezkerreko alderdi, sindikatu eta pertsonalitateetatik nork egingo luke apustu Toussaintek edo Varufakisek aipatu alternatiben alde? Zenbat gehiagok, isilean bederen, aitortuko dute ados datozela Dimitris Mardas ministroarekin esan duenean eurotik irten eta drakmara itzultzea proposatu dutenak ilargian bizi direla?
Greziarrek kartarik ez jokorako eta etsaiak jakin. Baina Europan inork gutxi dauka autoritate morala aurpegiratzeko Syrizako agintariei B plana antolatu ez izana, hirugarren erreskate leunago bat lortzeko apustua jokatu izana Europako aginte faktikoak hain urrun iritsiko ez ziren itxaropenean. Hamarkada luzeotako ortodoxia neoliberalaren ostean zer besterik egiten du, alternatiba teorikoak aipatzez gain, Europako ezker politiko eta sindikalak?
Sare sozialak bai egon dira sutan #ThisIsACoup garrasika. Ez ordea kaleak. Europako instituzioek osatutako amaraunaren sendoak eta oligarkiak neoliberalismozko hamarkadotan hartu duen indar bortitzak aurrez aurre alternatibarik edukiko balin badute, haiek zulatu nahi dituztenek akademiko keynestarren artikuluak baino zerbait zorrotzagoa erakutsi beharko dute.
Horra Grezia hiru hamarkadatako miseriara kondenatua. Alemaniatik entzun da: zorraren zatirik barkatzerik ezin da aipatu, aldiz, zorra luzatzea ba omen da arintzeko modua. Ondoko hiru belaunaldiak preso harturik? Lehenago sutuko dira bazterrak. Ez dugu ikasi Adolf Hitler agintera eraman zuen Versaillesko itunaz geroztik.
Tsiprasi dimisioa ematean hau idatzi dio Nadia Valvani ministroak: "Alexis, nik baino hobeto dakizu gerra batean etsaia askoz indartsuagoa dela ikusitakoan errenditzea onartzen dela, zeure indarrak bildu eta porrotera eraman zaituzten baldintzak aldatzeko asmoz. Baina errenditze hau hain da izugarria ezen ez baitigu gure indarrak berrantolatzeko aukerarik emango. Gure sinadurak okerragotzen du burua jasotzen hasi behar zuen jende txiroaren egoera, hobi gaineko harri handi bat gertatuko da, urte luzetarako askapenerako edozein ahalmen hondatuko duena".
Uda nahasia Grezian, udazken trumoitsua Europan. Are murrizketa gehiago iragarri dira uztailean Britainia Handian. Ez dira gutxiago izanen Frantzian eta Espainian, zer esan Portugalen, Italian eta Irlandan. Nork bere burua salbatu nahian, denetan indartuz autoritarismoa eta eskuin muturra. | news |
argia-71fcf30e573e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/zezena-tigrea-eta-benetako-basapiztiak.html | Zezena, tigrea eta benetako basapiztiak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-07-26 | Zezena, tigrea eta benetako basapiztiak
Donostia, 1904ko uztailaren 24a. Urtebete lehenago zabaldutako Txofreko zezen plazan zezenketa berezia egin zuten. Ekitaldiaren lehen zatia arrunta izan zen; lau zekor jokatu ziren. Baina zekorketak ez zuen interes berezirik piztu, ikusle gehienak bestelako ikuskizuna gogoan hurbildu baitziren plazara.
Ohi ez bezalako borroka iragarri a zuten bigarren zatian: "Bihar zezen plazan guztiok espero dugun tigrearen eta zezenaren arteko lehia hunkigarri eta erakargarria izango da", zioen El Correo de Guipúzcoa egunkariak, bezperan. Hondarraren erdialdean hogei metroko diametroko kaiola handi bat prestatu zuten, eta arratsaldeko zazpiak inguruan bi animaliak plazara eraman zituzten kaiola txikiagoetan sartuta. Batetik Zesar izeneko Bengalako tigrea, Marseillako merkatari Ramband jaunak 7.000 liberaren truke saldua. Bestetik, Hurón bost urteko zezena, Antonio López Plata ganadu jabeak Guadalquivirreko paduretan hazia.
Bi piztiak tiroka eta kolpeka berotu zituzten, albateak ireki baino lehen, lehiatokira indar betean irten zitezen. Baina borroka nahiko motela izan zen hasieratik. Senak zezenarengandik ihes egiteko esan zion tigreari. Hurón -ek tigreari astinduren bat ematea lortu zuen eta Zesar -ek atzaparrez muturrean zauritu zuen zezena, baina horren ondoren, tigrea kaiolan bueltaka hasi zen, barrei itsatsita, irteeraren bila, eta zezena erdian geratu zen, marruka eta hondarrean aztarrika, tigrea akabatzeko gogo handirik gabe.
Orduan, ikusleek, erabat desengainatuta, animaliak berriro zirikatzeko eskatu zuten. Tigre izutua suziriz eta ziztadaz mugiarazi zuten, eta Hurón -ek ederki astindu eta adarkatu zuen felinoa. Orduan bai, Zesar -ek gogor eraso zion arerioari, atzaparka eta hozkaka. Zezenak ere oldarkor erantzun zuen eta, furfurian bultzaka, kaiolako ateetako bat txikitu zuen.
Bi animaliak kaiolatik irten zirenean, izuak hartu zuen plaza, besteak beste eta zaurituta egon arren, tigreak erraz egin zezakeelako salto harmailen gainetik. Mikeleteek pistolak eta Maüsser fusilak zorrotik atera zituzten eta animalien aurka tiroka hasi ziren. Armak gainean zeramatzaten ikusleek eromenarekin bat egin zuten eta, ondorioz, tiroketa itsua hainbat minutuz luzatu zen.
Garaiko kronikek hildako bat (Juan Pedro Lizarriturri) eta hamazortzi zauritu izan zirela jaso zuten. Zerrendan izen ezagunak ere nabarmendu zituzten: Tolosako diputatu Julio Urquijo, Pidaleko markesa... Baina bi biktima errugabe zerrendatik kanpo utzi zituzten: Zesar tigrea hondarrean bertan tiroz akabatu zuten, eta Hurón zezena geroxeago, kortan. | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.