id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-2cf04871de96 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/irakurleak-galdezka.html | Irakurleak galdezka | unknown | 2016-03-06 | Irakurleak galdezka
Kaixo Jakoba. Zuhaitzak aldatzeko sasoia dela irakurri berri dizut; nire limoiondoa lekuz aldatzeko ere garai ona al da? Ontzi handi xamar batean daukat, baina haizeak etengabe botatzen zuela-eta, Gabonez geroztik paretaren kontra daukat estu-estu. Ez dut lurrik baina eskatuko nuke lur pusketa bat hura landatzeko. Zer iruditzen zaizu?
Ana Aizpurua (Aginaga).
Kaixo Ana. Zuhaitzak eta fruitu-arbolak aldatzeko sasoian gaude, bai. Negu partean hostoak galdu eta soiltzen direnak, aurten dugun eguraldia dela-eta, egokiena otsail amaierako ilbeheran egitea litzakete, otsailaren 18tik martxoaren 3ra.
Aldiz, negu partean hostajeari eutsi eta jantzita jarraitzen dutenak, zure limoiondoaren gisan, udaberri aldera aldatzen dira. Aurten apirileko ilbeheran egitea gomendatzen dizut, 13tik 26ra bitartean.
Limoi on! | news |
argia-79c51ade5d0d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/zergadunak.html | Zergadunak | Itxaro Borda | 2016-03-06 | Zergadunak
Goiz batez, lanera joan aitzin, irratia entzuten nengoela Jeunes Agriculteurs sindikatuko ordezkari bat aditu nuen, laborantzako arazoez mintzo zen: egoera larria alabaina nekazal eredu ekoizkorra segitzen duenarentzat. Prezio apalak, soberakinak, banatzaile erraldoien falangeak... Egundainoko leloak.
Harritu ninduen ordea gizon gazteak nola deitu zituen laborariak ez ziren baserri mundutik kanpo bizi diren jendeak: zerga ordaintzaile ertainak. Apaleste doinu batez ahoskatu hitzekin gainera. Hiritar edo herritar horiek ez ditu haurride, ez erkide, are gutxiago destino ahaide. Zergak pagatzen dituzte (beraz laborantzara doazen laguntzen parte bat?) eta hori da beraien ezaugarri bakarra.
Ordaintzaile zekenak badaki noski, zergak ez datozela bat beti egiten den laborantza motarekin: genetikoki aldatu hazi gehiegi, pestizidak, antibiotikoak eta probiotikoak, anfetaminak... Guztiak gero plateretan aurkitzen direla, jende askoren osasuna kinka larrian uzteraino, hain zuzen ere bere zabor-produktu merkea zergarik pagatzen ahal ez dutenen asetzera doala.
Agian noizbait inguruko jendeak jende gisa kontsideratuko dituenean bestelako nekazaritza bat irudikatzen hasiko da haserre mutuak bulkatzen duen sindikalista elekaria. | news |
argia-a1f9a570ac96 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/liburua.html | Aukeran nahiago bestela | Aritz Galarraga | 2016-03-06 | Aukeran nahiago bestela
Ez dut ukatuko: Gorka Bereziartuak aipatu zuenetik, jada 2008 urrun hartan, nobedade ez diren literatur lanak hartzen dituen tarte hau abiatzeko, irakurketa maiteen artean izan dut Juan Garzia Garmendiaren Itzalen itzal. Pentsa, manifestazio bat antolatuko balitz, eta Bereziartuaren atxikimenduaz gainera, neronek ere sinatuko nuke Garziak berriro idatz dezan –1995ean Fadoa Coimbran eleberria argitaratu ondotik ez du fikziozko libururik atera–.
Broma-edo aurretik zetorren, ordea. Elkarrizketa gogoangarri batean –esaten zituenengatik, baina galdetzen zizkioten kontu batzuei iskin egiteko abileziagatik ere bai–, "Euskal Bartleby bat bihurtu ote zara?" galdetu zioten Volgako Batelariek. Erantzuna izan zen: "Zer pintatzen dut (edo nuke) oraingo euskal literaturan? Ez da manifestaziorik antolatu, behintzat, nik dakidala, idaztera itzul nadin. Konformatzen naiz haren leloa euskaratu izanarekin: 'Aukeran nahiago ez'".
Obra laburreko autore, bederen, honezkero aipatu dizkiogun bi liburuez gain, badu beste bat, aurrekaria, estreinakoa: Akaso. Ipuin liburua, guztira lau, tartean Ignacio Aldecoa saridun Pernixio luzea, gehi Anjel Lertxundiren hitzaurrea, gehi egilearen beraren epilogoa. Aipatu elkarrizketan Garziak: " Akaso ko pieza gehienak hor abiatu ziren, gaxtekeria eta guzti: aiton-amonen ipuin-munduaren hustmina, eskolako fraideekiko kontu-kitatze saioa". Bigarren taldekoa litzateke, ale bakar, Bele jolasak izenekoa. Gainontzekoak, gutxi asko, bestekoak, nahiz Petiri-landako kusoa gehiago izan Lertxundik aipatzen zuen "ahozko tradizio narratiboa jaso eta literarioki taxutu" horietakoa. Labur: lau ipuinek dutela nork bere izaera eta nortasuna.
Xabier Mendiguren Elizegik egin zion kritika bakana, agerkari honetantxe: "Ipuin liburua dugu hau, eta ona gainera. Oso ona ere esango genuke". Tranpa da, baina gerora Itzalen itzal etorri dela ikusita, iruzkina iruditzen zait ausartegia. Esan nahi dut, bigarrenarekin puskaz gainditu zuela lehenbizikoa. Gainera, ondoen jartzen ditu lehen multzoko ipuinak. Eta Bele jolasak izenekoaz esan zuen: "Pretentsio haundiak dituen arren –edo beharbada horrexegatik– ez zait iruditzen guztiz ondo gauzatu dituenik". Niri, aldiz, ipuin horixe egin zait, beste ohikoagoen artean, nabarmengarriena. Aldrebesena, bai, baina ondorioz interesgarriena. Bi aldiz irakurri behar izan dudan bakarra; eta, segur aski, bi aldiz irakurtzeak pereza emango ez lidakeen bakarra.
Mendigurenek, 1988an: "Juan Garziak narraziogintzan segituko duelako esperantzan geratzen gara beraz". Urteak pasa dira, baina esperantza ez da galdu. Manifestazio bat antolatu behar badugu ere. Nahiz, aukeran nahiago bestela. | news |
argia-997b7f96a73f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/ingelesez-ikasteko-programa-nafarroan.html | UPNren golik borobilena | Onintza Irureta Azkune | 2016-03-06 | UPNren golik borobilena
Amua goxoa izan da, "zure haurrak primeran ikasiko du ingelesa". Ordea, Ingelesez Ikasteko Programa (IIP) ezker-eskuin kritikatu dute hezkuntzako eragile ugarik, hala nola, irakasleek, zuzendariek, gurasoek eta sindikatuek. UPNk (PSNren babesarekin) abiatu orduko errailetatik aterata doan trena nola bideratu erabaki behar du Gobernu berriak. Oraingoz, moratoria eta ebaluaketa agindu ditu.
1997-1998 ikasturtean hasi zen UPNren Gobernua British eredua probatzen. TIL (Hizkuntzen Trataera Bateratua) ezaguna etorri zen ondoren, eta azkenik IIP (Ingelesez Ikasteko Programa). Ikasleak mundu globalizaturako prestatu nahi zituzten, ingeles maila bikaina lortuko zuten gaztetxoak lan merkatuan airoso ibiltzeko. Ez zuten esaten hedatzen ari zen D ereduari galga jartzeko modu ederra aurkitua zutela. Espainiako Estatuan, antzeko estrategia darabilte eskuineko indarrek bertako hizkuntzak ahultzeko Valentzian, Balearretan eta Galizian.
Nafarroako sare publikoko 106 ikastetxetan dago IIP ezarria, horietako bost D eredukoak dira, eta gainerakoak A eta G eredukoak. Hezkuntza sisteman hizkuntza, ingelesa, bihurtu dute helburu, eta bidean urtetan garatutako lan-ildo interesgarriak txokoan geratu dira, hala nola, hezkidetza, bizikidetza eta irakurketa.
Britishetik hasi eta IIPraino gabezia pedagogiko eta hutsune nabariak izan ditu programaren ezarpenak, gero azalduko ditugunak. Hala ere, Steilas sindikatuaren ustez, metodologia bikaina izan balitz ere, guztiz zalantzan jartzekoa da hezkuntza sistemak atzerriko hizkuntza helburu nagusitzat hartzea, eta baliabideak horretara bideratzea.
UPNren Gobernuak abiatu zuen eta orain Geroa Bai, EH Bildu, Ahal dugu eta Izquierda-Ezkerrak osatutako Gobernuak du patata beroa eskuetan. Inoiz aurrez egin ez den ebaluaketaren diseinua aurkeztu du, non batetik, inkestak, elkarrizketak eta eztabaida taldeak egingo diren ikastetxeetako zuzendari, irakasle eta gurasoekin, eta bestetik, unibertsitateek eta kanpoko enpresek parte hartuko duten. Bitartean Gobernuaren akordio programatikoan ondokoa dio: "Gutxienez urtebetez IIP hedatzeari utziko zaio, oraingo programa ebaluatu eta hizkuntzen trataera integratuaren plan berria diseinatzeko". Beraz, programa ez daukaten ikastetxeetara ez da zabalduko, baina badutenek bere horretan segiko dute, eta 3 urtekoek ere hasi ahal izango dute 2016ko irailean.
Nafarroako Gobernuak jasotako informazioaren arabera, Ingelesez Ikasteko Programak, bere ezarpenean, ez ditu bete halakoetan eskatzen diren protokolo eta arauak. Ingeles eta atzerriko beste hizkuntzen Saileko teknikarien balorazioa ere halakoa da: azken bi ikasturteetan, IIP ezarri den ikastetxeen hamarretik batek baino ez du ezarpenaren balorazio positiboa. Ikastetxeen hiru-laurdenetan ez ezartzea aholkatu zen.
Nola azaldu fotosintesia ingelesez ez badakite?
Galdera horri erantzun baino lehen konta dezagun zein diren IIP programaren ezaugarri nagusiak. Haur Hezkuntzan (3-6 urte) eta Lehen Hezkuntzan (6-12 urte) ari dira ezartzen. Ikastetxearen eta adinaren arabera ikasgaien %30-40 ingelesez ematen dute. Beraz, kontua ez da ingelesa ikasgai gisa edukitzea baizik eta ikasgaiak, hala nola, matematika, ingurumena, plastika… ingelesez ematea. Haurrek bi tutore dituzte, batek ikasgaiak ingelesez ematen ditu eta besteak gaztelaniaz. Bost ikastetxe baino ez dira euskaraz eta ingelesez ari direnak, alegia, D-IIP eredukoak.
Steilasen iritziz, "programak ez dauka inolako oinarri pedagogikorik". Eta hori dioenean, besteak beste, irakasleen prestakuntzaz ari da. Hezkuntza Departamentuaren helburu gorena irakasleek C1 maila lortzea da, ingelesa ikastea alegia, eta horretara bideratu dituzte inbertsioak. Alabaina, oso gauza diferentea da irakasleak ingelesez ikasgaiak emateko prestatzea. Horri lotuta, bi tutoreen arteko koordinazioa funtsezkoa da, hizkuntza bakoitzean ikasgaiak nola irakasten ari diren kontrolatzeko. Baina, "tutoreek ez dute denborarik koordinaziorako, atsedenaldiak baliatzen dituzte, pasabideetan hitz egiten dute, WhatsAppez eta e-postaz ari dira".
IIP programa erdi-murgiltze eredua da. Haur eta Lehen Hezkuntzako umeek ez dute ingelesa menperatzen eta edukiak azaltzeko orduan, sarri, azalpen maila apaldu edo baliabide bisualak erabili behar izaten dituzte. Haurrak fotosintesia azaltzeko bere hitzak erabiliko lituzke menperatzen duen hizkuntzan arituko balitz. Aldiz, ingelesez ez da moldatzen eta besteak beste esaldiak buruz ikasten ditu. Matematika, plastika edo gorputz heziketan ez da hainbesteko galera, baina hizkuntzak zeresan handia duen ikasgaietan, hala nola, natur eta gizarte zientzietan bai.
Irakasleak haserre, etsita eta nekatuta
Steilas sindikatuak IIPri buruz txostena egiteko hainbat irakaslerengana jo zuen. Haien lan jardunaz eta baldintzez gehiago jakiteko irakasleren bati ARGIAk elkarrizketa egingo liokeela adierazi diegu. Erantzuna argia izan da: "Agian norbaitek baietz esango du, baina ez dut uste nor den agertzerik nahiko lukeen". Irakasleak etsita daude arrazoi askorengatik: prestakuntza egokirik izan ez dutelako, eskolan beste tutorearekin koordinatzeko denborarik ez daukatelako, ikastetxe batetik bestera dantzan dabiltzalako, IIPn aritzera behartu dituztelako…
Hezkuntza Departamentuak IIP programa abian jarri eta Nafarroa osoan zabaldu bai, baina prestaketa egokiko irakasle nahikorik ez. Ingeleseko C1 maila eta Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako titulua duten irakasle nahikorik ez dago. Beraz, IIP irakatsiko duten irakasleak eduki ahal izateko trikimailu bat baino gehiago erabili dute. Berez, C1 maila eskatzen zaie irakasleei, baina eskaerari erantzuteko adina irakasle ez dagoenez, B2 maila dutenak ere lanean jarri dituzte. Orain, C1 maila egiaztagiri behin-behinekoak eman dizkie irakasleei 2021. urtera arte. Steilasek esana da: "Irakasleen %80tik gorak C1 duela esaten dute, hau da, erdiak egiaztagiri behin-behinekoa du". Badira C1 maila duten irakasleak baina Haur eta Lehen Hezkuntzako titulua ez dutenak. Haiei, tituluak lortzeko bide azkarragoak eman dizkiete.
IIPko irakasleek ez dituzte lanerako baldintza egokienak. Bitxia da gertatzen dena; hainbat irakaslek badu C1 maila, baina egiaztagiria dutela ezkutatu nahian dabiltza, ez dutelako programa horretan parte hartu nahi, badakitelako eskolak prestatzeko denbora gutxi izango dutela, formazio gutxi eta norberak beretik asko eman beharko duela. C1 daukaten beste batzuek berriz, ikasleei ikasgaiak ingelesez irakasteko adinako mailarik ez dutela uste dute.
Ikasleak erritmoa jarraitzeko gai al dira?
Batzuk bai eta beste batzuk ez. Hona Steilasek emandako adibidea: "Zambian eskolan hasi orduko ingelesez egiten dute dena. Azkarrenek dena harrapatzen dute, eta harrapatzen ez dutenak bidean geratzen dira". IIP programan ingelesak ez ditu Zambian adina ordu hartzen, baina arazoak sortzen dira. Ikas prozesuan zailtasunak dituzten haurrak IIP baino lehen gela barruan egoten ziren eta tarteka ateratzen ziren eskola bereziak hartzeko. Orain, ingelesez ematen diren ordu guztietan gelatik kanpo dira. Beste haur batzuek ikasturtea errepikatu gabe geratu behar izan dute, ondorengo urteko haurrak IIP programan hasi direlako. Ikasle alofonoek ere nahikoa lan dute. Etxetik ez dakarte ez euskara, ez gaztelania, senegaldarren, errumaniarren eta magrebtarren seme-alabak dira besteak beste. Etxean hizkuntza bat, eta eskolan bi berri (ingelesa-gaztelania edo ingelesa-euskara).
Irakasleek beraiek diote, ikas prozesuan atzerapen txikiak zirenak behar berezi iraunkorrak bihurtu direla.
Europan beste inon ez
Europan behintzat, Nafarroa moduan dabilen bakarra Espainiako Estatuko Kantabria da. Han ere Haur Hezkuntzan hasten dira ikasgaiak ingelesez irakasten. Espainiako Estatuan (EAEn ere bai) ohikoena 3 urterekin ingelesa ikasgai gisa ikasten hastea da. Europan, orokorrean, geroago hasten dira.
Adituek zalantza handiak dituzte hain umetan atzerriko hizkuntza ikasten hasteak dituen onurez. 2014an, (ARGIA 2.424zbk.) hiru adituri haien iritzia eskatu genien EAEko hezkuntzan ingelesa irakasteko metodoaz. Ez dira pareko hizkuntza ereduak EAEkoa eta Nafarroakoa, baina adituon hitzak baliozkoak direla uste dugu. Jasone Cenozek (EHUn Hezkuntza Zientzietan katedraduna) apenas uste duen ingelesa 4 urterekin irakasten hasteak abantailarik duenik. Ahoskeran hobeto moldatzen ote diren: "Baina hemengo irakasleekin ez, eta ahoskera lortzeko hizkuntza input masiboa behar da". Uri Ruiz Bikandiri (EHUn Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolan Hizkuntzaren Didaktika irakaslea) alferrikako gastua iruditzen zaio hain goiz hastea ingelesarekin, "eta ingelesa goiz sartuta euskararentzako zeneukan esparrua galdu dezakezu. Nafarroan hori egin dute". Itziar Elorzari (EHUn Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakaslea) 4tik 8 urtera bitartean ingelesa irakastea gizartearentzat errentagarria den galdetuta, dudakoa izan daitekeela erantzun zigun: "Geroago hasi eta diru baliabide berberak jarriko balira, eta beste era batera egingo balitz…", eta EAEko hizkuntza kudeaketaz ari da, Nafarroakoarekin alderatuta nabarmen balorazio hobea jaso duena.
Demokratizazioa?
Ingelesa ikastea ikastetxe pribatuetako luxua. Hala zela diote UPNk, hainbat sindikatuk eta guraso taldek. Haiek aldiz, maila sozioekonomiko altuko familientzako zen hezkuntza eredua demokratizatu dutela diote, IIP programa ikastetxe publikoetan txertatzeari esker. Steilasen ustez, kontrakoa gertatu da, maila sozioekonomiko diferenteetako ikasleen artean arrakalak zabaldu dira. Familia zenbat eta goi mailakoagoa izan orduan eta baliabide gehiago ikasleari laguntzeko, eskolan ez bada moldatzen gurasoak lagun diezaioke (ingelesa jakiteko aukera gehiago ditu), edo neguan akademiara joango da eta udan Irlandara. Baliabide gutxiko ikasleak ez du halako aukerarik izango, eta arrisku latza ingelesa ikasi gabe geratzeaz gain gainerako ikasgaiak gainditu gabe geratzekoa.
Ez da denentzako aukera paregabea, eta horretaz gain, herri askotan, ikastetxe bakarra dagoelako, ez dute beste aukerarik izan, IIP bai ala bai.
Azterketa gainditu baduzu gela honetara, bestela beste gela hartara
Har dezagun euskararen adibidea. Ingurune erdaldunean ikaslea urtero ikasgaien %30-40 euskaraz ikasten aritu da. 12 urterekin euskara azterketa egin eta ez du gainditu. Erabat gaztelaniaz ari den lerrora pasa dute haurra. Horixe egiten dute Nafarroan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. DBH hasi baino lehen bahea pasa behar dute. Ingeles azterketa gainditzen dutenek gaztelania-ingelesa ereduan segituko dute eta gainditzen ez dutenek gaztelania hutsean. Urtetan ingeles dosi handia irensten aritu eta gero kito. Ikasgela horretan pilatzen dira etxetik alofonoak direnak, eskolan berandu hasi direnak, ikasteko zailtasun bereziak dituztenak... | news |
argia-87e168aee58e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/nafar-agintariak-bide-irristakorrean-aitzina.html | Nafar agintariak, bide irristakorrean aitzina | Fermin Erbiti | 2016-03-06 | Nafar agintariak, bide irristakorrean aitzina
Politikariena joko zelai irristakorra da, esku artean dituenak gai konplexuak izaten baitira, ertz askotakoak, soluzio bakar eta argirik gabeak. Ofizio horretan ez dago derrigorrez segitu beharreko araurik, eta orain artekoari eusteak ere ez du deus ziurtatzen. Egia da inguruan dituen teknikarien iritzia lagungarri izan dakiokeela politikariari. Lagungarri, besterik ez, teknikarien iritzi guztiak entzunda hasten baita politikarien zeregina. Eta horretarako, jakina, inongo eskoletan ikasten ez den sena da funtsezkoena. Politikariena, beraz, jarduera erakargarria da, betiere amildegiaren ertzean ibiltzeko kemena duenarentzat, noski.
Honaino Daniel Innerarity filosofoak Política en tiempos de indignación liburutik harturiko ideia batzuk. Pentsatzekoa da Uxue Barkos lezioa ongi ikasia sartuko zela Diputazioaren jauregian iazko uztailean, lehendakari bihurtu zelarik. Izan ere, filosofoaren ikaslea izan zen gaztetan, eta politikan bidelaguna du orain.
Aldaketaren gobernua eratu zenetik urte erdira, nafar agintari berriek ederki frogatu dute zenbateraino den irristakorra zapaltzen duten zorua. Lehen hilabeteotan, bi erronka nagusi zituzten: erreforma fiskala eta 2016ko aurrekontua. Biak aise gainditu ondotik, irakaskuntzako lan publikoaren eskaintzak sortu du kalapitarik handiena, eta arrakalen bat gobernuari babesa ematen diotenen artean.
Gobernuan, noski, oro ez da urre. Edonork aurreikus zezakeen lanpostu gehienak euskaldunentzat izateak polemika piztuko zuela. Hobe, beraz, gaia aitzinetik behar bezala landu izan balitz. Baina ez gaitezen inozoak izan: oposizioak sutsu joko du euskara bultzatzen duen edozein neurriren kontra. Eta gobernuari sostengua ematen dioten batzuen jokamoldea ere ez da hain harrigarria. Euskararen legearen beraren aldaketa ez al zen, ba, konpromisoetatik kanpo utzi, horretan guztiak ados jartzerik ez zegoelako?
"Porrota edo arrakasta partziala kudeatzen ez dakienak ez du politikarako balio, hor ere erabateko arrakastarik ez dagoelako. Politika jarduera mugatua da, hala moduzkoa, frustrazioz beterik, bizitzaren antzekoa". Horiek ere Innerarityri lapurturiko hitzak dituzue.
Batzuen erreakzioak ikusita, komeni da esaldi horiek azpimarratu eta, bide batez, euskaltzaleok urte erdian jaso ditugun albiste on batzuk gogoratzea: D eredua Nafarroa osora zabaldu da, Euskalerria Irratia legezkoa da, ETB ikusten dugu, euskaltegiak diru-laguntzak jasotzen hasi dira, gobernuaren irudia elebiduna da… Nondik gatozen eta nora buelta gaitezen kontuan harturik, horixe iruditzen zait azpimarragarriena. | news |
argia-e08a9e73f105 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/diskoa.html | Berrasmatzeko askatasun osoa | Iker Barandiaran | 2016-03-06 | Berrasmatzeko askatasun osoa
Harrituta nauka disko honek, baina baita ere sortu duen zalapartak. Diskoa dotorea da oso, eta erabat ezohikoa, arriskatua. Joseba Poncek, beste behin, erakutsi digu jenio bat dela eta bere sorkuntza gaitasun ikaragarria azaleratzeko orduan ez dituela oraindik mugak ezagutu. Barrenak askatzeko idatzi ditu kantu hauek eta gauzatu duen bildumak hartzaile zehatz bat du: Joseba bera. Ez du inorekin ezkondu nahi izan; eta orain arte igeri egin izan duen parametroetan arrakasta ziurtatuta izan arren, fokurik ez dagoen ur sakonenetan –sakonera propioetan– arrain abisalen gisan buzeatu nahi izan du oxigeno eta bestelako bermerik gabe. Hala, ibilbidean izandako zaleek gertu ez dituzten psikodelia, pieza orkestralak eta beste ere ekarri ditu ur ertzera. Horregatik ziur nago Joseba bera dela zalapartak gehien harritu duena.
Aurretik ezagutzen ez dutenentzat bi arrasto: JP Joseba Ponce Hondarribiko burmuin geldi-gorra da, Dut eta Kuraia erraietako taldeen sortzaile eta konposatzaile nagusia, 90eko hamarkadako eta bigarren milurteko Euskal Herriko rockean zizelkatutakoak. Orain Josebak bakarkako lana osatu du lohian murgildu eta dena emanda. Bereak dira kantuak eta grabatu ditu instrumentu guzti-guztiak. Gainera, diskoa berak diseinatu eta argitaratu du.
Goazen barrenera... Teklatu langido batek, ia elizkoiak, egiten digu harrera eta erritmo pausatu baten kadentzian Alperrik da apaintzeak asko du 70eko hamarkadako kantu majestuoso eta ia orkestraletatik, nahiz eta tartean stoner espazialaren zantzuak aurkitu. Ez eguna irekiagoa eta anitzagoa da: badu 2016ko stonerretik, post-hardcorearen esentziatik eta baita rock gitarrero eta bizienetik. Beldurra maltzur hasten da, gordin, eta melodia beti presente duela new wave edo post-punk kutsu interesgarria hartzen du oreka bitxi batean gitarra Kuraieroak gailentzen diren arte. Hit-etako bat da. Kantu itsaskorra abesti poperoa izateko jaio zen, baina... zelatan dagoen baxu misteriotsuak eta distortsioak psikodeliara amiltzen dute, fenix hegaztiaren gisan rockak salbatu arte.
Diskoaren bigarren aldea, berriz, Hiruki beltza borobilak irekitzen du psikodelia eta Iparraldeko kantugileak ezkonduz, gerora hard-rockak eta progresiboak bere eremura eraman arren. Lobby hilobi erritmo biziagokoa da eta alaiagoa, kiribil itsaskorra. Profanazioa abesti osoa da, garapen handikoa: oso-oso barnekoa, hunkitzen duena eta 70eko esentzian zeharo bustia; eskerrak hammond-aren indarrak kemena ematen digun! Bukatzeko, Sekretua , misteriotsutik eta irmotasuna ezin ezkutatzetik asko duen Josebaren upelategiko kantu pop-rockeroa. Ederra lohia, ederra lana! | news |
argia-0b6c94687d8e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/nicolas-leport-letexier-betiereko-induljentziako-serora.html | "LGBT komunitatearen historia transmititu behar dugu" | Jenofa Berhokoirigoin | 2016-03-06 | "LGBT komunitatearen historia transmititu behar dugu"
Plazer handia hartzen du Nicolas Leport-Letexierrek, serora jantzia soinean, heteronormatibitatea zalantzan jartzen. Betiereko induljentziako serora izateko botoak eman zituen 2007an, LGBT komunitatearen historia transmititzeko engaiamendu militantea hartuz. 1979an San Frantziskon sortu mugimenduak 1.300 bat serora ditu gaur egun. Lau urtero egiten duten konklabea dute irailean Berlinen.
Erakartzen zintuzten.
Nire homosexualitatea onartu nuen garai horretan. LGBT komunitateak eraman borrokak deskubritzen hasi nintzen eta sekulako irakaspenak jaso nituen. Serorak bikainak iruditzen zitzaizkidan arren, ekintzen formak jenatzen ninduen, muturrekoegiak iduritzen zitzaizkidan. Berez ontsa ikasiriko mutil bat naizelako, kontsentsuan dagoena. Lagun baten suizidioa elektrotxokea izan zen eta aisetasunetik ateratzeko erabakia hartu nuen. 2006an hasi nuen prozesua eta urte bat berantago serora nintzen.
Agnostikoa da mugimendua.
Pobrea, agnostikoa eta barregarria; horra nolakoa den gurea. Erabat serioa eta aldi berean erabat zernahi da gurea. Ahalkea eta errua alde batera utzi eta bizipoza aldarrikatzen gabiltza.
Lehenak 1979ko Pazko astelehenez agertu ziren San Frantziskoko Castro gay eta lesbianen auzoan, metraileta arrosa faltsuak esku artean.
"Jainkoaren maitasuna eskuratzeko hil ezazu homosexual bat" errepikatzen zebilen Anita Bryant-en garai betean ginen, eskuin gogor kristaua arkaz zebilen. Testuinguru horri buruzko kritika zen. Aldi berean, LGBT komunitatearen barneko kritika ere bazen. Castro clone-n garaia zen eta ultragizonkeria matxista heteronormatu hori kritikatu nahi izan zuten. Heterozentrismoaren aurka zebiltzan Radical Faeries taldekoak ziren hamar ekintzailetarik zazpi.
Sekulako oihartzuna ukan zuen ekintzak.
Bai, lagun arteko txiste eroxka izan behar zuenak sekulako oihartzuna ukan zuen. Zulo bat betetzen zutela ohartu ziren berehala. Konturatu ziren seroraz janztearekin, andana batek betebehar espiritual bat gomendio uzten ziotela.
Hortik urte batera agertu zen hiesa.
Bai, oraindik hiesa deitzen ez zen gaitz beltz hori agertu zen. Laster erreakzionatu zuten; militante sutsuak izanki, sekulako komunikazio kanpainak eta eriei banatzeko diru bilketak hasi zituzten.
Seroraren itxurak indar handiagoa hartu zukeen.
Argi eta garbi. Elizak ez zituen hiesaz hildakoak ehorzten, "gayen minbiziaz" hilak zirelako. Drama ikaragarriak ziren, trauma handiak. San Frantziskoko gayen %70 zen hamar urtez hil! Sekulako hekatonbea, isilean gertaturikoa. Ronald Reaganek ez zuen behin ere bere kargualdian hiesa hitza ahoskatu. Kristauek zioten haien bekatuen ondorioa zutela, medikuek ez zuten deus proposatzeko eta politikarien iritziz, homosexualak, drogazaleak eta prostitutak ziren hunkiak eta horiek gabe pasa zitekeen jendartea. Serorei mutil lagunaren ehorzketa sinbolikoa egitea ala hil aitzin sinbolikoki ezkonaraztea galdatuz hurbiltzen zitzaizkien anitz.
Hamarkada izugarri beltza.
Horri guztiari izu-ikara giroa gehitu behar zaio. Ez genekien zer zen, ez eta nola atzematen zen. Doi bat emantzipazio eta askatasun lortu orduko, horra hor zorigaitza... Ez gara ohartzen zein heinetakoa izan zen traumatismoa. Homosexualen eskubideen aldeko borrokaren oinarrian dagoen grina bizipen horietan dugu kausitzen. Oso bortitza izan zen eta nonbait, oso aberatsa ere bai. Arrazoi pertsonalengatik, serora batzuk San Frantziskotik joan ziren eta komentuak sortu zituzten iristen ziren hirietan. Medikuntza-ikerkuntzan erien parte hartzea bultzatuko zuen borroka horrek ere. LGBT komunitateak eta batez ere Act Up taldeak zuen hori inposatu, urgentzian.
Hiesak aitzina segitzen du.
Garaian, Mendebaldeko gizon txuri pribilegiatuak ziren ezaxolakeria handienean hiltzen; horregatik zen azkenean erantzun bat eman. Izurriak segitzen du Afrikan, ezaxolakerian halaber. Hemen, etorkinak, ingurugiro ez pribilegiatuko gazteak eta emakume transexualak dira gehienik hunkiak; ez dira erakargarriak, ez da hiesa anitz aipatzen. Horregatik diot LGBT komunitatearen historia transmititu behar dugula, bai belaunaldi zaharraren onerako, baita gazteenaren onerako ere. Jakin dezagun ezaxolakeria handienean, gay belaunaldi oso bat hil zuela hiesak.
Zertan da jendarte heteronormatuari talka egitearen xedea?
Eragina testuinguruaren araberakoa da. Frantzia gisako herrietan, nazi eta katoliko integristez aparte, gayen partetik ditugu erreakzio bortitzenak, diote karikaturan garela eta guztiok ez garela lumadunak. Gay eta lesbiana horien umore eskasa kritikatzen segitzen dugu. Parisen inoiz ez gara bakarrik ateratzen, arriskutsua delako, San Frantziskon berriz ia instituzio bat gara. Baserri munduan berriz, horrelakorik izan litekeela ere ez dute imajinatzen. Usu ikuspen ezak baldintzatzen du tolerantzia, onartua izateko heteronormatua izan behar da baserri munduan. Bizi guztian subertsioaren bandera izatearen gogorik ez ukaitea ulertzen dut... Baina seroron betebeharra hori da. Mozorroak erakartzen du eta diskurtso politikoarekin jendea ustekabean atzematen dugu. Beraz bai, 35 urte eta gero, heteronorma eta patriarkatua galdekatzen eta inarrosten segitzen dugu. | news |
argia-aa7132732d9b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/la-huertaka.html | Hiriko grisaren artean espazio berdeak sortzen | Garazi Zabaleta | 2016-03-06 | Hiriko grisaren artean espazio berdeak sortzen
"Hiri erabat industrializatutzat –fabrikak eta labe garaiak– hartu izan da Barakaldo urteetan, baina benetan oso zabala da eta landa eremu garrantzitsua ere izan du". Alfredo Rodriguez Barakaldoko Ekologistak Martxaneko kidearen hitzak dira. Eremu berdeak galtzen ari zirela ikusita, 2013an sortu zuten Barakaldoko herri baratzeen proiektua.
Urte hartan, naturaren garapenean interesa zuten bizilagun ugari elkartu eta formazio saioak egiten hasi ziren EHNE sindikatuarekin: hausnartzen hasi ziren erabilpenik gabeko espazioen berreskurapenaz, naturaren birsorkuntzaz hirian edota lurrari eraikuntzarako ez den erabilpena emateaz, beti ere elikadura burujabetzaren ideia erdigunean jarrita. Hasieratik jende anitza bildu zen proiektuan, Ekologistak Martxanen babesarekin eta Barakaldoko EKOEtxea erreferentziatzat hartuta.
Hiriari arnas ematen dion espazio berdea
Herri jakintza berreskuratzea eta hirian naturarekin harremana bultzatzea izan dira lehen helburuak proiektuko kideentzat, baita bazterketa jasan duen jendeari bestelako aukerak ematea ere: "10.000 langabe baino gehiago daude Barakaldon. Aukera ezin hobea dugu jendeari ilusioa pizteko alternatibak landuz". Eta nola hobe naturarekin harremanak berreskuratuz eta mendeetako jakinduria jasoz baino?
Hasieran bost pertsonako taldea zen. Egun, ordea, hogei bat pertsona dabiltza aktiboki proiektuan, baratzean eta asteroko bileretan parte hartzen.
Ekaitzaren ostean, barea
2014an sartu ziren egun La Huertaka den Lutxanako lurretan. Lehenagotik hainbat eskaera formal egin zizkioten Udalari, baina erantzun guztiak ezezkoak zirela ikusita, abandonatutako SAREB bankuaren lurretan sartzea erabaki zuten. "Hasieratik adierazi genuen adostasunera iristeko prestutasuna, eta handik mugitzeko eskatuz gero alde egingo genuela ere azaldu genuen", dio Rodriguezek.
Urte bereko abenduan, ordea, eta inork beraiekin hitz egin gabe, Barakaldoko Udalaren hirigintza enpresa Eretzak eta SAREBek salaketa jarri zien lurren okupazio eta usurpazioagatik: "Ertzaintza zuzenean Ekobarakako egoitzan azaldu zen eta erantzule bat eskatu zuen". Javier Vazquez Ekologistak Martxaneko arduradunak eman zuen bere izena.
Urtarrilean izan zuen epaiketa Vazquezek. Salaketaren egileak ez ziren epaiketara agertu ere egin, eta hiru aste beranduago jaso dute epaia baratzegileek: kasua artxibatu da. Badirudi lasaixeago har dezaketela arnas La Huertakako kideek, eta jasotako babes zabalaren ostean lanean gogotsu jarraituko dutela argi du Rodriguezek: agroekologiaz elikadura subiranotasunerantz pausoak ematen, "mundu guztiak bere elikagaiak hazteko aukera izan dezan!". | news |
argia-94967cca3eaf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/zertarako-erosi-armarik-modernoenak-ez-bada-gerran-erabiltzeko.html | Zertarako erosi armarik modernoenak ez bada gerran erabiltzeko? | Pello Zubiria Kamino | 2016-03-06 | Zertarako erosi armarik modernoenak ez bada gerran erabiltzeko?
Ekialde Hurbileko estatuek %61 gehiago gastatu dute armak erosten 2011-2015 urte artean aurreko bost urteetan baino eta Saudi Arabia da munduan gehien erosi duena, inportazioak %275 handituz. Esportazioetan AEB txapeldun, Errusia eta Txinaren atzetik Frantzia laugarren eta zazpigarren Espainia.
Gerrarako armen nazioarteko salerostea %14 handitu da 2011-2015 epean aurreko bost urteekin alderatuta, SIPRI Nazioarteko Bakerako Ikerketen Estokolmoko Institutuak ezagutarazi berri duenez " Trends in International Arms Transfers, 2015 " dossierrean. Hain larria ez dirudien %14 hori non zertan mamitzen den ikusita ohartzen da irakurlea Lurra planeta ez dagoela bake lasai baten bezperan.
SIPRIk badauka data base bat 1950. urtetik elikatua , bai estatuek eta bai estatutzat onartu gabeko talde nagusiek mundu osoan saltzen eta erosten dituzten gerrarako arma handien informazioak bilduz. Institutuak berak aldarrikatzen duenez, "edonoren eskueran jarritako informazio multzo handi honek laguntzen du ulertzen armen joan-etorriok munduko bake, egonkortasun eta gatazka bortitzetan daukaten eragina".
Ekialde Hurbilean gertatzen ari dena, eta aurrerantzean tamalez gertatuko dena, gastu militarrak kontabilizatuz ere uler daiteke. Denetara %61 hazi zen eskualde horretako estatuen arma erosketa, baina horien artean Saudi Arabia da mundu osoan arma gehien inportatu duena , aurrean India handia baizik ez daukala. Munduko arma handien inportazio guztien %7 berak erosi zuen, Txinak berak baino askoz gehiago.
Emirerri Arabiar Batuena ere estatu txikia izan arren inportazioetan oso aurrean dabil: munduko erosketen %4,6 bereak ziren, ia Txina erraldoiarenak adina. Qatarrek %279 gehiago erosi du. Egiptok ere asko handitu ditu erosketak bost urteotan. Aldiz, nazioarteko enbargoa dela eta, Iranek oso gutxi inportatu ahal izan du, nahiz eta honek ez duen esan nahi gastu militar txikiak izan dituenik, dauzkan arma gehienak berak etxean ekoitzi behar izan dituela baizik.
SIPRIko ikerketa buruetako bat den Pieter Wezemanek adierazi duenez, Golkoko estatu arabiarrek ondoko urteetan ere segituko dute armak kopuru handitan erosten, nahiz eta beren finantzetan estuago ibili petrolioak daukan prezio merkeagatik: kontratu handiak itxi zituzten petrolio garestiaren garaietan. Erosi duten arma pila zuzenean dago lotuta orain Yemenen eta beste lekuetan Saudi Arabiak eta bere aliatuek gerra sustatzearekin.
Afrikak eta Asiak ere asko handitu dituzten bezala iskilu handien inportazioak, Ameriketako egoera nahasiagoa da honetan. AEBk segitu du munduko arma inportatzaile handiena izaten (esportatzaile handiena ere baden moduan), baina aldi berean Hego Amerikakoek tira dute beheraka erosketetan.
Estatu askok gutxitu dituzte inportazioak, baina ez denek. Krisi ekonomiko larrian murgildu den Venezuelak azken bost urteetan segitu du kanpotik arma asko hartzen eta pagatzen, kontratuak aurretik sinatuta zeuzkalako. Aldiz, ez bide dute joera aldatzeko asmorik ez Mexikok, zeinak %331 igo zituen arma erosketak –nagusiki narkotrafikoaren gerra famatuaren aitzakian– eta Brasilek: 2015ean bertan enkargatu dizkio 36 gudu hegazkin Suediari eta bost itsaspeko Frantziari.
Ekialde Hurbilarekin batera Asia da munduko arma erosle nagusia eta honen barruan India txapeldun. Bizilagun dituen Pakistan eta Txinak erositako armen hiru halako erosi ditu Indiak. Txina pasatu da inportatzaile izatetik esportatzaile handietarik izatera. Inguru hartan Vietnam da beste adibide deigarrietako bat: %699 handitu zituen erosketak bost urtetan.
Si vis bellum, para bellum
Europak bataz beste ia erdira jaitsi ditu arma inportazioak azken bost urteotan, nahiz eta zenbait herrialde justu oraintxe hasi diren enkargu handiak egiten, nagusiki Errusiarekin muga egiten dutenek, Ukrainako krisiaz geroztik.
Europarren artean SIPRIk nabarmendu du Greziaren kasua: gastua murriztu du, baina 2000. urtean egindako enkarguak erosi eta pagatzen segitu behar izan du, krisi ekonomikorik lantzenaren erdian. Ez da ahaztu behar Turkia daukala auzoan eta honek sei itsaspeko erosi zituenez Greziak beste hainbeste enkargatu zizkiola saltzaile berari, esan nahi baita... kanpo zorrarekin ito nahi duen Alemaniari.
SIPRIren zortzi orrialdeko dossier mamitsuan gerrarako armen erosleen zerrenda bezain adierazgarria da saltzaileena. Denetan nagusi AEB, eta gainera merkatu kuota munduko salmenta guztien %29tik %33ra zabalduta. Bezero onenak ditu Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak eta Turkia. Munduko 99 herrialderi saltzen die eta hegazkinen arloan hornitzaile nagusia da.
Bigarren postuan, Errusiak merkatuaren laurdena dauka bere. Bezero handienak India, Txina eta Vietnam. Errusiarrek ere ugaritu dituzte salmentak bost urteko epean, baina 2014tik aurrera asko murriztu, ziurrenik Ukrainako gerraren osteko enbargoagatik.
Esportatzaileetan hirugarrena Txina bera da, baina askoz kuota txikiagoarekin, %6 eskas, nahiz eta ia bikoiztu egin duen kuota. Erosle onenak Asian dauzka: Pakistan, Bangladesh eta Myanmar.
Frantzia laugarren, merkatuaren %5,6arekin. Maroko, Txina eta Egipto ditu erosle onenak. Alemaniak merkatuaren %4,7rekin hartzaile fidelenak ditu AEB, Israel eta Grezia. Britainia Handiak negozio onenak egiten ditu Saudi Arabia, India eta Indonesiarekin.
Zazpigarren lekuan Espainia, kuotaren %3,5ekin baina salmenta %55an handituta, Alemania eta Frantziaren alderantziz. Espainiak armak saltzen dizkie batez ere Australiari, Saudi Arabiari eta Turkiari.
Saltzaileen eta erosleen zerrendak bere horretan asko errazten du munduko geopolitikaren ulertzea. Esaterako, Siriako krisian Europak eta AEBek zer nolako arazoak dauzkaten Turkia eta Saudi Arabia haien baketze interesetara erakartzeko. Ez zebilen gaizki "bezeroak beti arrazoi" esan zuena.
SIPRIk bere txostenean garrantzia berezia eman die nazioarteko armen komertzioaren bi atali. Airezko erasoetarako hegazkin militar sofistikatuen arloan 555 saldu dira bost urteotan, 209 Errusiak, AEBek 175, Txinak 74... Piloturik gabeko droneen arloan ere hasi dira import-export operazioak, baina hegazkinen aldean gutxi dira oraino.
Itsaspekoetan gertatu da aldaketa handia urteotan. AEBek eta Britainia Handiak urpeko nuklearrak baizik ez dituzte ekoizten eta horiek ez dauzkate salgai. Azken bost urteotan 15 itsaspeko saldu dira baina datozen urteetarako 48 daude enkargaturik. Kolpe handienak: Alemaniak salduko dizkie 6 Turkiari, 5 Hego Koreari, 4 Egiptori. Frantziak 6 Indiari, 5 Brasili. Txinak 8 Pakistani, 2 Bangladeshi. Hain beste arma jira eta bira, sutu behar han ez bada hemen. | news |
argia-df694e46724c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/mendekua-merezi-duen-oparia.html | Mendekua merezi duen oparia | Bixente Serrano Izko | 2017-03-05 | Mendekua merezi duen oparia
Ebrotik hegoaldeko errepublikanoek, are monarkikoek ere, Espainiatik egotzi beharko lukete Nafarroa, mendekuz bertzerik ez bada ere. Hau dinastia hau, Borboikoa, Nafarroan lortu zuena lehen aldiz erregetza kategoria, Antonio Borboikoren eskutik, Joana II.a Labritekoren ezkontide gisa. Bien seme oinordeko Borboiko Enrike III.a izanen zen errege titularra, geroago orobat Frantziako Enrike IV.a bihurtuko zena, eta hasiera eman familiaren errege-dinastiari Frantzian. 1700. urtean emanen zuen salto Borboiko leinuak Frantziako koroaz gain espainiarraz ere jabetzera. Ordutik hona, XVI. mendeko Nafarroaren opari bezala jasan behar izan du dinastia hau Espainiak, urte batzuetan salbu (Jose Bonaparte 1808-1814, Saboiako Amadeo 1870-1873, I. Errepublika 1873-1874, II. Errepublika 1931-1939, frankismoa 1939-1975 artean).
Ezin erran espainiar herritarrengan atxikimendu beroegia izan duenik dinastia honek bere ibilbidean. Espainiako lehen Borboiko Felipe V.ak urte luzetako gerra bat gainditu behar izan zuen koroa mantentzeko, Aragoik eta Herri Katalanek haren erregetza onartu nahi ez eta haren kontrako gerrari ekin ziotelarik. Borboikoengandik, hamar guztira, bortzek gainditu behar izan zituen gerrak, edo Estatu-kolpeen onuradun izan behar, koroari eutsi edo hura lortzeko: Felipe V.a, Fernando VII.a, Isabel II.a, Alfonso XII.a eta Juan Carlos I.a zehazki. Ez da ehuneko makala, % 50! Hamar horiengandik ere, lauk izan behar du abdikatu edota Espainiatik ihes: hala nola, Carlos IV.a, Isabel II.a, Alfonso XIII.a eta Juan Carlos I.a: % 40, makala ere ez dena. Ea, edonola ere, Felipe VI.arekin lortzen den % 50era heltzea.
Ederra egin genien espainiarrei nafarrek Borboikoei erregetza kategoria eman genienean! Nik, espainiarren larruan, Nafarroa egotziko nuke Espainiatik mendekuz eta profilaxi neurri gisa
Ustelkeriatan ibiltzea ere leporatu zaio, eta zinez frogatu ere Justizia sistemek ebatzirikoaren despit, horietako hainbat koroaduni: Isabel II.a, Alfonso XIII.a, Juan Carlos I.a. Eta hortaz haien ihesi beharra edo abdikazioa. Orain berri, Felipe VI.aren arreba agertu zaigu Espainiatik ihes egiteko nahian, bere aurkako epaiketa amaitu bezain laster. Jakina, gaurko Justizia sistemak ez du aurkitu errudun haren senarraren diru manipulazioaren aferan, nahiz eta ezjakin dela erabaki behar izan duen: ezjakin, justiziak berak hala aldarrikaturik. Ez da marka makala hau ere!
Hara! Ene deformazio profesionalak eta ene nafartasunak hartu didate gaina gaurko honetan, datu idorregiak mahai gaineratzeraino, biziago eta koloretsuago nahi nuen artikulu honetan. Baina, datuak ikusirik, ederra egin genien espainiarrei nafarrek Borboikoei erregetza kategoria eman genienean! Nik, espainiarren larruan, Nafarroa egotziko nuke Espainiatik mendekuz eta profilaxi neurri gisa. | news |
argia-73c011b471dc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/pello-lizarralde-idazlea.html | "Ez naiz fio oso liburu desberdinak idazten dituzten idazleekin" | Kepa Matxain | 2017-03-05 | "Ez naiz fio oso liburu desberdinak idazten dituzten idazleekin"
Elur Bustia-ren promozio aldiak luze dirau. Iazko ekainean argitaratuagatik, oraindik elkarrizketa proposamenak iristen zaizkio Pello Lizarralderi. Ahal bezain gutxi errepikatzeagatik, saiatu gara eleberria aitzakia hartuta idazlearen apustu literarioaren atzean dagoenaz hitz egiten.
Otsaila da Hiri Buruzagian. Ilunabarra gerturatzearekin bat, jendeak pausoa mantsotu du Alde Zaharreko kale euriztatuetan. Atertu ondotik, urak hiria garbitu duela sumatzen da arnasa sakon hartuz gero. Hotel Maisonnaveko beiratearen alboan gizon soildu bat Diario de Navarra irakurtzen ari da. Barruan, zerbitzaria, heldu berri diren bi gazteei zer hartu behar duten galdezka. Te zuri bat eta zurito bat atera dizkie azkenean. Arratsaldeko seiak jo dutenean Pello Lizarralde sartu da atetik, aterki tolesgarria eskuan, eta bi gazteengana gerturatu da. Diosal egin, eta adierazi du oraingoz ez duela ezer hartu nahi. "Agian geroago". Segidan, eskailerak igota dagoen txoko diskretuagora mugitzea proposatu du, lasaiago hitz egiteko. "Oso leku atsegina da hau, baina arratsaldeetan jendez bete ohi da". Gainontzean, ez da ezer berezirik gertatu. Ezta behar ere. Nork dio ez dela elkarrizketa bezain aipagarria elkarrizketaren aurreko denbora hila.
Zure markako eleberria da Elur Bustia . Ohi duzunez, pertsonaia bat ageri da –Ramiro–, alderrai, eta bere ibilbidea kontatzen duzu zehaztasun handiz. Industrialde batean hasi, eta une batez hiriko alde zaharreraino sartzen da. Aurreko eleberriekin alderatuta, paisaia urbanoagoan kokatu duzu hau.
Pentsatu nahi nuke garai batean baino gehiago dakidala, eta hobeto egiten dudala, baina kezka eta forma aldetik aurrekoen berbera dela iruditzen zait. Ez dago aldaketa handirik. Behin aukera bat eginda zaila da beste puntara joatea. Ez naiz fio oso liburu desberdinak idazten dituzten idazleekin. Gehienetan ez dizkiet sinesten. Edo sinesten diet bat, eta hurrengoa ez, eta hurrengoa bai. Alde horretatik, nahiago ditut lerro garbiago bat jarraitzen dutenak.
Ramiro etxera bidean doa, hegoalderantz. Lanak huts egin dio, eta familiarengana itzuli nahi du. Zure obran errepikatzen diren patroi asko ditu liburuak: pertsonaia bakarti bat, bidaia bat, gertakizun handirik ez… saihetsezina dirudi elkarrizketa guztietan galdetzen dizutena aipatzeak: euskal literaturan apustu oso bakana da zurea.
"Urraketa, gertatzekotan, beti gertatzen da inkontzienteki"
Idazle jatorrak eta atseginak aurkitu ditut herri honetan. Beti izan ditut lagunak eta solaskideak, baina gustuetan konplize gutxi izan dut. Hori liteke seinale bat. Hemen, nik hartu dudan bidea ez dute beste askok hartu, baina idazle askok aspaldi egina dute hori, beste literatura batzuetan, beste herrialde batzuetan, hizkuntza guztietan… Eta horrek eragiten dit susmo bat: askok ez ote duten askorik irakurri. Nire bidea ez baita oso bide urratzailea.
Ezta nahi ere.
Transgresioa aipatzen den bakoitzean barrez lehertzen naiz. Kontuz hitz hori ahotan ibiltzen dutenekin, oso gutxi irakurri ohi dute. Punkia izan nahi baduzu, arazo bat daukazu. Agian punkia zara, nahi gabe. Urraketa, gertatzekotan, beti gertatzen da inkontzienteki. Pottokak Baztanen garai hartan egiten zuen musika oso urratzailea zen, baina berak ez zekien. Berak egiten zuen zekiena: bordan egoten zen ardiekin, hartzen zuen gitarra, entzuten zituen hango eta hemengo artistak, punka eta Mikel Laboa, eta hura atera zitzaion. Ez zuen urratzaile izateko borondaterik, baina harrigarria zen hura entzutea. Ikusten zenuen oso egiaz ari zela. Baina hasten direnean arte eskolatik ateratako ume moko hauek beren performanceekin eta instalazioekin, edo sukaldariak jakiei hidrogenoa sartzen… izan daitezkeen tontakeriarik handienak dira. Horiek ez dute ezer egingo inoiz. Denbora pasa ariko dira. Engainatuko dituzte museo batzuk, beharbada editoreren bat, edo diskoetxeren bat. Baina ez dute batere iraungo, gezurretan ari direlako hasieratik. Nabarmendu nahi dute, eta horretarako bilatu duten hitza da urratzaile izatea.
Baina hori ez al da betidanik gertatu?
"Batzuek diote 40 urtetik aurrera ez dela fikziorik irakurri behar. Nik kontrakoa egiten dut: gero eta gehiago irakurri"
Lehen ere bazen, baina orain itxura egitea bereziki dago indarrean, eta oso nazkagarria da. Gainera, onartu egiten da. Burgesiaren denbora-pasa bat da, eta burgestu garen neurrian, zabaldu egin da. Orain asko entzuten da multidiziplinar hitza. Bertso-hop , jazz-hop , eta saiakera horiek, txisteak dira. Forma jartzen dute gauza guztien gainetik, nahiz eta esateko gutxi edo lehengoa izan. Baina formak beti izan behar du helburu bat, bestela zertarako? Forma berez ez da deus. Gainera, formak oso aztertuak daude. Harrigarria da ikustea zer egin izan den. Badakit berritzea posible dela, eta etorriko dira gauza berriak. Baina horretarako behar da bizipen bat, sena, eta jenio pixka bat. Ez du edonork egiten. Eta gero dago beste hautu bat, beren bidean isil-isilik lan egiten dutenena. Egiaz ari badira, horien apustua ere azkenean sendotu eta ezarri egiten da.
Zu ez al zaitu sekula jo urratzaile sukarrak?
Ez nizuke ukatuko. Normala zen nerabezaroan, edo pasa berritan. Baina zorionez berehala pasatu zitzaidan. Gazte bat etortzen zaizunean nobela bat idatzi duela esanez, oso konpromiso handia izaten da: ez diozu minik eman nahi, ez zaude inoren gainetik, eta ez zara hura epaitzen hasiko. Niri ez zidaten ezer esan, baina esan behar zaio: "Ez izan presarik. Egon beste bizpahiru urte, idatzi gehiago, eta benetan zure adierazpena idatziz egin nahi baduzu, etorriko zaizu argitaratzeko garaia". Antsietate hori baretu egin behar da. Presa oso aholkulari txarra da.
Zuk, ostera, garbi samar daukazu non mugitzen zaren. Ematen du topatu dituzula zure koordenadak. Asko kostatu al zitzaizun?
"Ez dut kontatu nahi zer kontatu nahi izan dudan, ze agian ez dut ezer kontatu nahi izan"
Azkar samar konturatu nintzen. Tontakeria batzuk egin nituen, baina ez nintzen 18 urterekin hasi. Gakoa beti da zer irakurri duzun. Gogoratzen naiz behin Beñat Sarasolak bere blogerako egindako elkarrizketa batean izenburutzat hartu zuela esaldi hau: "Egun batez pentsatu nuen aio, García Márquez, aio, Borges eta sekulako lasaitua, eta aldi berean, bultzada berezia sentitu nuen". Haiek irakurrita, garbi ikusi nuen ez zitzaidala bide hura deus interesatzen. Segituan topatu nintzen idazle alemaniar berriekin, eta hori izan zen zalditik erortzea bezala. Thomas Bernhard, Peter Handke bat, Robert Walser eta beste asko. Frantziarrak ere bai: Patrick Modiano Nobel sari izan aurretik itzuli nuen euskarara . Hori zerbaitegatik da. Italian Giani Celati edota Elio Vittorini. Edo Natalia Ginzburg bat edo nahi baduzu Patricia Highsmith bat… idazleak, asko. Guneak, hautatzekotan, Alemania eta AEBak. Eta batez ere XX. mendeko literatura.
Kuriosoa da aipatu dituzun izen batzuk –adibidez Txekhov edo Walser– euskal idazle batek baino gehiagok aldarrikatu izan dituztela, zure idazkeratik oso urrun egon arren.
Gero, baditut oso gogoko ditudan idazleak, baina imitaezinak: Cesare Pavese, Julio Cortazar, William Faulkner… edo oraingora etorrita, Alice Munro bat… horien bidetik hasten bazara, galdua zaude. Oso mundu pertsonala dute, beste edozeinena baino askoz ere pertsonalagoa, eta aurkitu dute hori ekartzeko modu bat imitatzen hasiz gero frakasora eramaten zaituena zuzenean. Handi horiekin alferrik da, tira, nik behintzat ez nezake. Baina irakurle gisa gozatzen dut ikaragarri. Liburuekin gertatzen da bat irakurtzean bidea erakusten dizula beste batzuk bilatzeko. Hasi nintzenean, arazoa zen euskaraz ez zegoela antzekorik. Euskarak balio ote zuen horrela kontatzeko? Nik apustua egin nuen, besterik ez nuelako egin nahi, eta imitatuz aurkitu nuen nire bidea. Ikusten ditut zein diren esaten dituzun koordenada horiek. Baina nik garbi daukadana da zer ez dudan idatzi nahi.
Eta zer ez duzu idatzi nahi?
"Irudimena ahalmen interesgarria da, ditugun guztiak bezala, baina literaturan ez du balio handirik"
Ez dut idatzi nahi ideia duen nobelarik, pertsonaien psikologian sakontzen duenik, genero nobelarik, tesi nobelarik… dibertitzeko propio egindako nobelak ez zaizkit interesatzen. Eta beste batzuk nahita ere ezingo nituzke egin. Ikasi beharra dago zer nahi duzun eta zer egin dezakezun. XIX. mendeko pertsonaiez betetako nobela luze batean sartuko banintz frakasatuko nuke instantean. Bestalde, dibertitzeko propio egindako nobela ez zait deusetarako interesatzen. Artean dena da hunkitzea: batzuetan barre egitea egokituko zaizu, besteetan pentsatzea, inoiz negar egitea, baina hunkitzeko ez dena ez zait interesatzen.
Zergatik egiten duzu hautu literario hori? Zer dago horren atzean?
Irakurle azkarra. Interpretaziorako bidea ematen duen nobela interesatzen zait, irakurlearentzat zulo asko dituena, eta uzten diona leku askotatik sartzen eta ateratzen, berearekin ateratzen. Niretzat frakaso bat da gauzak esplikatzea. Ez dut kontatu nahi zer kontatu nahi izan dudan, ze agian ez dut ezer kontatu nahi izan. Egituran oso liburu garbiak dira, artifiziorik gabeak, eta hitz guztiak neurtuta daude. Oxigeno asko daukaten liburuak interesatzen zaizkit, merezi ez duten gauzetan galtzeko biderik ematen ez dutenak.
Kritika anglosaxoiak bereizten dira bi literatur korronte: " tell " edo kontatu egiten duen narratiba, eta " show " edo erakutsi egiten duena. Zu nabarmen zara bigarren eskolakoa. " Tell " tradizio guztia baztertzen duzu?
Irakurle gisara ez, baina idazteko orduan bai. Erabat. Soiltasuna oso gauza handia da literaturan. Tontakeriak uzteak onura asko ekartzen du, kontatzeko baldin badago.
Eta irakurle gisara, zure tradiziotik urrun dauden ze idazlerekin gozatzen duzu?
Klasikoekin batez ere. Berriekin ikaragarri aspertzen naiz. Astero jartzen naiz nobedade mahaiaren aurrean, jakin-min handia daukat oraindik. Gero eta gehiago gustatzen zait irakurtzea. Batzuek diote 40 urtetik aurrera ez dela fikziorik irakurri behar. Txorakeriak esatea libre da, baina nik kontrakoa egiten dut: gero eta gehiago irakurri. Fikzioa saiakera baino gehiago, poesia garai batean baino askoz gutxiago. Eta oraindik topatzen ditut erakusteko asko daukaten idazleak, normalean bide horretakoak: zer kontatua dutenak, baina garbi samar, erakustaldirik egin gabe. Estiloarekin eta formarekin kezka handiak izateak bide okerrera eramaten zaitu. Esaten zuen Eduardo de Filippo zinemagileak: "Estiloa bilatzen duenak heriotza aurkitzen du, eta bizitza bilatzen duenak estiloa aurkitzen du".
Argazkia: Dani Blanco.
Irakurri izan dizut irudimena ez zaizula askorik interesatzen.
Egia da. Irudimena ahalmen interesgarria da, ditugun guztiak bezala, baina literaturan ez du balio handirik. Esaten zuten Roberto Rosselliniren meriturik handiena zela batere irudimenik ez izatea, eta ados nago. Irudimenak oso bide mitifikatuetara eramaten zaitu. Aurrena beste zerbait behar da, eta gero, beharbada irudimenak ekarriko dizu beste zerbait. Baina irudimenak, berez, ez du balio.
Eta zein da irudimenaren antidotoa?
Bizipena. Kontzientzia eta errealitatea. Eta batez ere oharpena, munduari zorrotz begiratzea. Eta hortik galderak ateratzea. Irudimenak ez dizu galderarik uzten, dena da su artifiziala, baina zertarako? Niri ez zait interesatzen. Egiten dudanerako ez zait ezinbestekoa, eta batzuetan, hori apaltzeak ere mesede egiten dit. Baina literatur joera asko dago, irakurle mota asko dago, eta batzuk horrekin asetzen dira.
Zu ere kokatzen zara literatur joera jakin batean, baina gero muturreko apustua egiten duzu. Gertakizuna bera ukatzen duzu.
"Egun guztia pasatzen dugu begira, zerbait entzuten, gauzak ukitzen… baina gero ez da horrelakorik erakusten nobeletan"
Ez dut erabat ukatzen. Perbertsio asko daude literaturan, eta horietako bat da zer gertatzen den. Eta izaten dira gertakari harrigarriak, edo dramatikoak, edo azpimarratuak, edo gorabeherak, edo misterioa. Horiek gertatu gertatzen dira, baina ez modu horretara. Nire ustez Ramirorena oso istorio dramatikoa da. Kontua da nola jasotzen duzun gertatzen dena: niretzat, zentzumenak dira funtsezkoak. Nireak nobela sentsorialak dira. Egun guztia pasatzen dugu begira, zerbait entzuten, gauzak ukitzen… baina gero ez da horrelakorik erakusten nobeletan. Egiten dira sekulako bidaiak bi minutuan. Kontatzen dizute Indiara joan eta ze gauza harrigarri ikusi dituzten han. Baina aireportuan aspertuta pasatu dituzten orduak? Horiek ez al dira bidaia? Zergatik ez dira kontatzen? Eta, gero, beste arriskua da melenga izatea. Ezin dut jasan lirismoa. Izatekotan, inozentzia egiazko batetik egin dezake bidea. Baina XXI. mendean hain sartuta gaudenean liriko jartzea zinikoa ere bada. Gustatzeko egiten den zerbait da. Eta orain mainstreameko zabor asko lirikoa da batez ere. Polita. Baina nork nahi ditu gauza politak?
Esan iezazkidazu azkenaldian gustura irakurri dituzun hiru liburu.
Hirurak dira argitaratu berriak, eta oso gustura irakurri ditut: Mémoire de fille (Annie Ernaux), Fat City (Leonard Gardner) eta Erretiroa (Sergei Dovlatov). | news |
argia-94841118a6df | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/euskararen-egia.html | Euskararen Egia | Zigor Etxeburua Urbizu | 2017-03-05 | Euskararen Egia
Errealitate paraleloen garaian bizi gara, teknologia digitaleko gailu berriek birtuala eskura jarri digute. Berria ez dena da errealitatea mozorrotzeko agintariek izan duten eta berresten duten irrika. Horren erakusle euskal oasia hitzetik hortzera izatea teleberriek , egunero. Bada, orain, hizkuntzaren alegiazko errealitatea eraiki nahi digute, handik eta hemendik.
Euskara, insatisfakzio batzuk gorabehera, duin omen dabil hizkuntzen txapelketan. Izango da ez ditudala betaurreko egokiak jantzi, eta ezagutzen nauenak badaki, satorraren bidetik noanez, betaurrekoak erabili erabiltzen ditudala, baina ez dut hori ikusten nire egunerokoan. Nik ere nahi dut asebeteko nauen egia ofizial hori ikusi. Areago, errealitate hori bizi nahi dut, zer arraio!
Ordea, hain dira monumentalak euskararen errealitate instituzionalaren defektuak! Osakidetzak kanpaina eragingarria abiatu du, euskaldunok euskara hauta dezagun erakundearekiko harremanetarako hizkuntza gisa. Hori bera egingo balute administrazio guztiek! Baina (bai, ezin pasa bainarik gabe) zer bururatuko, gaztelania hautatzeko deia duten oihaltzarrak eskegitzea besterik. Tira, anekdota hutsa izango ahal da! Aitzitik, anekdota baino gaiztakeria da bizirauteko kinka batean diren euskarazko hedabide nazionalei duintasuna eta erreferentzialtasuna ekarriko liekeen publizitate instituzionaletik apurrak besterik ez ematea, eta justiziaz zor zaizkien laguntzak izoztea, bide batez Eguna itxi zutenen bandokoa den egunkariari diru sail galanta oparituz.
Defektuen artean elefanterik bada, hori Napartheida inposatzen duen Vascuencearen Legea da. Hortxe dakusagu pertsonen aurkako legea, egongelaren erdian, oraindik, "aldaketaren indarrek" gehiengoa lortu eta bi urtera. Egia ofizialak esan digu Vascuencearen Legeak ahalbidetzen duela euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea! #daflipat: Ez da hain egia izango, lege hori beste tresnarik eskura ez eta, demokraziaren aurkako legea ordezkatu bitartean, eremu mistora pasatzeko eskari ulergarria egin baitute hainbat udalek. Eskari horri erantzunez, legea moldatuko du Nafarroan agintea duen laukoak, eskualde mistoa herri gehiagotara zabaltzeko. Baina aukera eskutik izanik ere, ez dirudi nafarren arteko bereizkeria inposatzen duen Vascuencearen Legea baztertu eta euskaldunoi duintasuna itzuliko digun legea egingo dutenik, laukoteko bi alderdik horixe eskatu arren.
Gauzak horrela, errealitatea euskararen Egiaren betaurrekoetatik begiratu eta ekiten jarraitzea dagokigu. Konfiantza herritarrengan jarriz, beti bezala. | news |
argia-53ee779db9b6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/hilekoa.html | Sentitu jarioa, eta isuri nahieran | Itziar Ugarte Irizar | 2017-03-05 | Sentitu jarioa, eta isuri nahieran
Irudikatzen duzu hilekoa aske isurtzea odola atxikitzeko ezer erabili gabe? Galtzetan orban gorri ilunarekin kalean lasai doan emakumea irudikatu dezakegu agian. Eta esaten badizut hilekoa bota beharra sentitu eta komunean edo nahinon askatzeko gai izatean datzala odol isurketa librea?
"Gizonek gidatutako gizartean hilekoa lotsaz eramatearen araua ezarri da, biztanleriaren erdiak egunerokoan bizi duena normaltasunez bizitzea ezintzen duena". 2015eko abuztuan Kiran Gandhi M.I.A. taldeko bateria-jotzaileak idatzitako hitzak dira. Londresko maratoian hilekoa galtzetan agertu zen korrika Gandhi. Ikuskera maskulinoek agintzen duten gizartean emakumeek hilekoaren zikloa izango ez balitz bezala jokatu behar dutela salatu zuen, ezin azaleratuz gorputz ziklikoa izateak dakarrena.
Antzeko ekintza egin zuen Rupi Kaur poeta pakistandarrak. Odol orbanekin argazkiak sarera igo eta Instagram sare sozialak zentsuratu egin zituen, hilekoak tabu izaten jarraitzen duen seinale. "Ez noa barkamenik eskatzera barruko arropatan ikusi nahi nauen baina orban txiki batekin deseroso sentitzen den gizarte misoginoaren urguilua elikatzeko", adierazi zuen poetak.
Erika Irusta Barakaldon sortua eta hilekoaren pedagogo bakanetakoa da munduan, El Camino Rubi eta Soy1Soy4 proiektuen sortzailea. Odol isurketa librea mugimendu ekologistaren inguruko lagun batzuei esker ezagutu zuen berak, baina gaiak amu ugari dituela dio; Gandhi eta Kaurren gisako aldarrikapena baino, batez ere, gorputzaren ezagutza. Hilekoaren egunetarako gutxi ezagutzen den aukera da: kontzientzia korporala eta zoru pelbikoa landu eta hileko odol isuria kontrolatzeko gaitasuna izatea.
Kiran Gandhik Londresko maratoia egin zuen hilekoa biltzeko ezer jarri gabe. Nahita egin zuen, horrela erosoago sentituko zelako eta hilekoaren tabua haizatu nahi zuelako. Medioetan oihartzun handia izan zuen. Argazkia: Medical Daily.
Nola, baina?
"Kontrakzioen sentsazioa da, maskurian pisua jarri eta txiza egitera zoazela-edo sentitzen duzu, baina badakizu ez dela txiza", kontatu du Irustak. Ez bagina ez umetokiaren lepoa ez dira kontrolatu daitezkeen esfinterrak, baina zoru pelbikoa lantzeko ariketen bitartez posible da odola isurtzeko beharra sentitzea. Bere esanetan, "ez gernua bezainbeste, baina minutu gutxiz posible da odola eustea".
Galdera berez dator: nolatan emakume gehienek ez dute sentitzen? Beraien pelbisa ezezagun hutsa delako eta genitalekin eta fluxuekin zerikusia duen oro tabua izan delako gure kulturan. Ginekologo askok kontua mesfidantzaz begiratzen badute ere, Irustak dio gero eta aditu gehiagori entzun diela pelbisarekin konexio neuromuskularrak lantzean kontrolatzea lor daitekeela.
Hilekoaren zikloa ez da odola kanporatzen den lauzpabost egunetara mugatzen. Etengabe hor dagoen auzia dela azpimarratzen du bere lanean Irustak, nahiz eta zikloa erabat ezezaguna izan gehiengoarentzat. Honen lau faseetan –hilekoa, aurreobulazio fasea, obulazioa eta hilekoaren aurrefasea– gorputzean izaten diren aldaketa fisiko, mental eta gogo-aldartearenak ez ditugula ezagutzen dio, kulturalki "histeriarekin eta antzeko irakurketa patriarkalekin" irakurri direlako. Hormonek eragindako aldaketa horiek ezin direla arazo moduan ulertu defendatzen du, alderantziz, gorputz esperientzian oinarrituta berezko lengoaiaz jabetu beharra dagoela.
"Hitz gutxitan, ez daukagu ideiarik zer den hilekoa izatea, eta zehatzago esanda, zer den hilekoa gizarte honetan izatea", dio Irustak. Hein horretan, hilekoa duen gorputza genero bateko edo besteko izan, aldeak nabari ditu: "Esaterako, hilekoaren aurreko fasean, amorratuen edo inguruarekiko sentiberen egon zaitezkeenean, emakumea are gehiago estutzen da bere rolean ez delako sartzen haserretzea; aldiz, hilekoa duten gizon transexual ugari ez dira berdin estutzen, dena pikutara bidaltzeko gogoa eramangarriagoa baita genero maskulinoan".
Rupi Kaur artistarena da irudia. Honela dio bere hausnarketan: "Odola isurtzen dugu eta haiek zikina dela uste dute, arreta bila gabiltzala, zama dela, gaixoa; arnastea bezain prozesu naturala ez balitz bezala".
Mitifikazioak eta pribilegioak
Munduko hainbat kulturatan, lehen aldiz hilekoa duten emakumeei odola botatzeko beharra identifikatzen irakasten zaie, leku egokia bila dezaten isurtzeko. Mendebaldean ere, industrializaziora arte odol isurketa librea ohiko praktika izan zela ikertu du Irustak. Klase altuenek bazuten odola xurgatzeko zer erabili, baina gehiengoak komunean edo ahal zuen lekuan isurtzen zuela dio.
Dena dela, horren dokumentazio faltaz eta beste kulturez egiten den mitifikazioaz ohartarazi du pedagogoak: "Guretzat kontu moderno edo askatzailea izan daitekeena beste lurralde batzuetan, Indian edo Afrikako herrialde askotan kasu, izugarria da, ez dutelako inolako 'babes metodorik' eta hilekoaren tabuak gure gizartean baino mila kilo gehiago pisatzen duelako".
Odol isurketa libreak praktikotasuna eta "zikintzeko" aukerak larregi ez arduratzea behar ditu egungo gure gizartean, Irustaren ustetan. Inguru eta klase jakin batean, praktika posiblea izan daitekeela deritzo, nahiz eta kontu pribilegiatua izatera irits daitekeen: "Ni autonomoa naiz eta etxean egiten dut lan, alboan daukat komuna eta badaukat hilekoaren fasean patxadaz nire gorputzarekin adiago egoteko aukera, baina gizonez betetako bulego batean lan egiten duen batentzat erokeria izan daitekeela ulertu dezaket".
Industrializazioa baino lehen, klase altuenek bazuten odola xurgatzeko zer erabili, baina gehiengoak komunean edo ahal zuen lekuan isurtzen zuen
Horregatik, kopa eta oihalezko konpresen gisako metodo "alternatiboak" dakarten ezagutzari ematen dio garrantzia, odola bota baino batu egiten dutenak: "Ezagutza prozesuan dago perla, gero zure zoru pelbikoa kontrolatzeko gai zaren edo galtzak odolez beteta eraman nahi dituzun, norberaren erabakia da".
(Auto)ezagutzak zabaltzen dituen aukerak
Esperimentatu zale direnentzat hilekoaren odolak potentzialtasun amaigabea duela gogoratu du Irustak; bada arterako erabiltzen duenik, landareentzat ongarri edo kosmetikoetarako. "Baliteke askori nazka ematea, baina horretarako ere ona da kopa, adibidez, aurrejuzguak eta buruan sartu dizkiguten mitoak aurrez aurre jartzen dizkizulako".
Konpresa eta tanpoien merkatuak gorputzarekin konektatzeko baino, urruntzeko joera erakusten du gaur. Tampax tanpoi marka ezagunaren diseinuak izan duen bilakaeran nabari da; sinpleak eta behatzarekin sartzekoak izatetik, sofistikatuak eta norbera ukitu gabe aplikagailu batekin jartzekoak izatera igaro dira. Jada merkaturatzen hasi diren kulero xurgatzaileak ere ildo berean kokatu daitezke, hilekoa deserosotzat eta ezkutatu beharrekotzat jotzen dutenak.
Irustari beste elkarrizketa batean galdetu zioten: Ez al da izango orain odol isurketa librea itxurakeria kontu bat? Norbaiti otu dakiokeela dio odoletan argazkia atera eta "begira, odol isurketa librea edo freebleeding egiten ari naiz" izenpean sarean zabaltzea. Horrek posizio batean jartzen gaituela dio, orain hau egiten ez baduzu, aske ez zarela dirudi-eta. Ez dator bat bera: "Garrantzitsua presiorik ez jartzea da, norberak jakin-mina izan dezala bere gorputzarekiko eta joan dadila probatzen. Azkenean, kopan batutako odolari bi trago jotzeagatik ez zara libreago, bakoitzak fronte ezberdinetatik egin diezaioke aurre honi".
Gemma Tomàs, Manresako CUP-eko zinegotzia
"Alabarik badut, bere zoru pelbikoa lantzea nahiko nuke"
Argazkia: NacióManresa.
"Emakume gazteek sexu osasunean bizitza hobea izateko" mozioa aurkeztu zuen Manresako (Katalunia) CUP alderdiak iragan udaberrian. Hedabide askok estu hartu zuten institutuetan hilekoa batzeko alternatibez ere hitz egitearen proposamena, tartean gazteak odol isurketa libreaz formatzeko ideia jasotzen zuena.
Nola bizi izan zenuten iskanbila mediatikoa?
Mozioa ez zen onartu. Kataluniako parlamentuari zerbait egin zezan eskatzen zion ekimen bat baino ez zen onartu, hutsaren pareko. Pozik gaude hilekoaren heziketaz eztabaida piztu genuelako, baina tristea izan zen oraindik zenbat tabu dauden ikustea.
Nola sortu zen proposamena?
Institutuetan egoera ez dela aldatu baieztatu genuen, enpresek komertzializatutako aukerez baino ez dela hitz egiten, tailer afektibo sexualak baino kasik erabilera instrukzioak ematen direla. Horrela sortu zen. Diana Pinzón hezitzailearekin harremanetan jarri eta berak azaldu zizkigun ezagutzen ez genituen beste hainbat bide; itsas-belakiak, oihalezko konpresak eta isurketa librea. Honekin zur eta lur geratu ginen.
Nola landu duzue gaia?
Niretzat isurketa librea aurkikuntza izan zen. Askok ezer ez erabili eta lasai zikintzeko askatasunarekin lotzen dute, baina hori baino gehiago da. Pinzónek azaldu zigun berak 9 urteko haurrekin edo lehen hilekoak dituztenekin lantzen duela, gihar pelbikoa lantzeko ariketak egiten dituztela, gero hilekoa dutenean hobeto sentitu eta kontrolatzeko gai direla.
Badira tokiak zoru pelbikoaz kontzientzia hartu eta lantzeko?
Baietz esango nuke. Mozioa aurkeztu genuenean, Pinzónekin Denda Gorria deitzen diren emakumeen zirkuluetan parte hartu genuen, gure bizitzez hitz egiteko hilekoa ardatz hartuta. Ez du esan nahi dena horrela denik, baina bada irekitzea. Badira Denda Lilak ere, neskato gazteagoekin lantzeko, udan egiten dira 3-4 egunez. Egia esateko, horrek guztiak badu puntu mistiko bat, pertsonalki urruntzen nauena.
Mistizismo horrek atzera egin arren, baliteke halaber, gure gorputza ezagutzeko beharra aldarrikatzeak erakartzea?
Bai, erabat, feminista gisa, urrundu eta aldi berean hurbiltzen nau. Denda Gorritik asko gustatu zitzaidan gure gorputzarekin dugun harremanaz hitz egitea; nola sentitzen dugun gorputza, tenperatura hartzea edo fluxua begiratzea noiz gauden obulatzen jakiteko eta abar. Nire zikloa ezagutu eta aurretik nituen hainbat sentipen kokatu ditut. Hau maila mistikoago batera igarotzen denean, ez zait erosoa egiten. Baina, seguru asko batak bestea behar du.
Kapitalismoa obulutegietan daramagula salatu duzue.
Ez genuen jarri mozioan, hitzak zaindu beharragatik, baina bai. Kopa batek hamar urteraino iraun dezake eta konpresa zein tanpoiak etengabe kontsumitu behar dituzu. Begi-bistakoa da horren interes ekonomikoa, gure gorputzaren bueltan egiten den enpresa planifikazioa.
Mutilek ere hilekoaren inguruko tailerrak jasotzea azpimarratu zenuten mozioan.
Tailerrak sexuz bereiziak izan behar zirela argi genuen, neskak espazio erosoa izan zezaten nola sentitzen diren elkarbanatu eta profesional batekin zikloaren eraginez mintzatzeko. Aldi berean, garrantzitsutzat jotzen genuen mutilek ere formazioa jasotzea, gure gorputza eta zikloa haiek ere ezagutu eta ulermen eta errespetu loturak sortzeko. Baita indarkeria matxistaren neurri prebentibo gisa ere.
Beatriz Gimenok Pikara Magazine hedabidean zioen zuen proposamena ezagututa ohartu zela emakumeon etorkizunak odol isurketa librearen bidetik jo behar zuela, hori izan behar dela feministen bandera aurrerantzean. Zer diozu?
Baditugu aurretik beste kate batzuk, hau ez da orain emakume guztiontzako etxeko lana. Baina nik inoiz alabarik badut, bere zoru pelbikoa lantzea gustatuko litzaidake. Niri hilekoa jaitsi zitzaidanean amak esan zidan: "Hau jarri behar duzu, eta kito". Hor hasten da kontua bide txarretik. | news |
argia-a88dc11717e6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/ez-zen-macdonald-anaien-asmoa.html | Ez zen MacDonald anaien asmoa | unknown | 2017-03-05 | Ez zen MacDonald anaien asmoa
Richard eta Maurice MacDonald anaiek 1948an zabaldu zuten beren abizena zuen lehen hanburgesa jatetxea, San Bernardinon, Kalifornian (argazkian). Familiako negozioak arrakasta izan zuen berehala, eta 1953an frankizia bihurtu zen.
Anaien asmoa aberastea zen, jakina, baina ez zuten katea asko zabaldu nahi, jatetxe kopuru mugatuarekin moldatzeko asmoa zuten. Hala ere, 1961ean ez zioten Ray Kroc-en eskaintzari muzin egin: MacDonald's jatetxeak saldu zizkioten garai hartako 2,7 milioi dolarren truke.
Gaur egun, zabor-janaren paradigma 119 herrialdetan dago zabalduta eta 68 milioi bezero inguru hartzen ditu egunero. | news |
argia-600fb509f0fc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/amable-arias.html | Unibertso ludiko hori | Xabier Gantzarain | 2017-03-05 | Unibertso ludiko hori
Jaioterrian bai, eskaini zioten, Donostian ez dauka kalerik Amable Arias Yebrak (Bembibre, 1927ko ekainaren 29a – Donostia, 1984ko otsailaren 29a), nahiz eta bertan bizi izan 15 urte zituenetik, nahiz eta bertan egin artista, nahiz eta bertako arte mugimenduan pieza inportantea izan. Gure esker ona ez da berdina artista guztienganako, antza. Zergatik geratu da Amable Arias halako linbo moduko batean? Gaur taldeko kidea izanagatik, Euskal Eskolako beste ordezkarien hain diferentea zelako? Bere lana ez delako erabili herri baten identitatea irudikatzeko, talde horretako beste batzuena erabili den bezala?
9 urterekin istripu larria izan zuen, trenbidean, jolasean ari zela. 1942an Donostiara etorri zen familia, urte gogorrak izan ziren, aita hiria uztera behartu zuten, tratu txarrak ematen zizkien amari eta Amableri, estraperloko penizilinarekin osatu zen amiñi bat, orduantxe hasi zen etxetik irteten, Ascensio Martiarenarekin hartu zituen akuarela klaseak tarteka.
1956an margotu zituen bere lehen olioak. Lau urte geroago egin zuen bere lehen bakarkako erakusketa. Hiriko giro artistiko ofizialak ez zuen batere ondo hartu 1963an egin zuen erakusketa: Espazio Hutsak . 1966an sortu zen Gaur taldea, eta Amable Ariasek idatzi zuen manifestuaren lehen bertsioa, gero dezente kimatuta argitaratu bazuten ere.
Espiritu libreko artista, mundu bat asmatu zuen Amable Ariasek, koloretsua eta alaia bere erara, izaki bitxiz betea, bakarrik ez sentitzeko, munduan bizitzen asmatzeko. Zoragarriak dira leuntasun erotiko hori, bihurrikeria estetiko hori, unibertso ludiko hori. Ez da ordea jolas artistiko hutsa, l'art pour l'art , badu bere gizartea kritikoki erretratatzeko nahia eta abilezia.
Idatzi ere egiten zuen. | news |
argia-38f7af90abec | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/mundu-bat-marijane.html | Mundu bat, Marijane | Itxaro Borda | 2017-03-05 | Mundu bat, Marijane
Adineko (idazle) bat hiltzen denean, munduaren memoriaren parte bat da ezerezean urtzen. Neurriak neurri, Amadou Hampaté Ba ezagunaren ebazpena aplikatzen ahal zaio Bankan sortu izkiriatzaileari ere naski. Dena delakoan, ideia horrek urratu zidan kasko zokoa barda, Marijane Minaberri (1926-2017) zendu zela jakinarazi zidatenean.
Baiona eta Uztaritze artean pasatu zuen bizitzaren zatirik handiena Basque-Eclair egunkarian lanean, idazkari gehienetan, baina noizbehinka artikuluak plazaratzen behialako euskaldunen irakur-tiria asetzearren. Erran behar da denbora haietan leitzeko ohitura indartsua zela jendartean… eta, aitzindaria zen jorratzen zituen alor guztietan: kazetaritzan, irratigintzan bai eta literaturan, bazterrak sekula harrotu gabe.
Itzalpeko ekilea zen, nolabait euskal gauzek eta euskaldun haurrek pasionatzen zutena, isilean eta orduko emazteei zegokien umiltasunean ari zena, nahikoa apaletsiak ziren ildoak urratzen. Emakume askorik ez baitzen ospetsu egin iparraldeko hitzaren historian zehar, XIX. mendeko hondarreko Maddi Ariztia eta Marijanek garaikide zuen Madalena Jauregiberri Alosekoaz aparte. Ardurenean, idazkiak sinatzeko izengoitiak erabiltzen zituen, Andereño edo Atalki besteak beste, anonimotasunak ziurtasuna bermatuko balio bezala.
Umeak ginenean euskararen gostua txertatuko zigun Pariseko osabak eguberritan bidaliriko Txori Kantaria bildumak, bere azal berdeaz gerizatu poesiekin, gure ingurune naturaleko elementuak zituela mito bihurtzen hala nola euria, elurra, txoriak, lapinak, mendiak eta ibaiak. Beranduago Haize Garbia elkartearen eskutik agertu Dictionnaire Basque pour tous haren bi tomoak baliatu genituen gure perpausen zakarrak leuntzen saiatzeko.
Marijane Minaberriren behako abila, kokina eta determinatua dagoeneko argazkietan baizik ez dugu ikusiko. Bidegileak ezinbesteko sailaren ale batean adibidez. Herria astekarian Ezponda bertsolariarekin emazteen lekuaz pataskaz ari zela ez zuen beldurrik ahoan bilorik gabe erantzuteko, alderantziz. Umila izanagatik, kuraiosa izan baitaiteke.
Batzuetan iruditzen zait Marijane Minaberrik gaur iparraldean (eta hegoaldean halaber, egoera ez baitzen hobeagoa) hazi diren emazte idazle eta plaza-andere belaunaldiari atea ireki ziola. Gogoetaren ukigarritasunak inarrosten nau goiz umezurtz honetan.
Marijane, kantazan orain gure bihotzetan! | news |
argia-1e1d900f8570 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/piku-hostoa.html | Piku-hostoa | Jakoba Errekondo | 2017-03-05 | Piku-hostoa
Udako oporrak antolatzeko beste proposamen batekin nator. Ekainetik irail erdira arteko tarte horretan goza daitekeen aukera bat. Mediterraneoaren ekialdeko bazterrean, Ekialde Hurbila deitzen dugun horretan, duela 2.000 urte inguru ziren landareen bilduma bat ezagutzeko aukera.
Garai hartako jendearen eta herrien historiaren berri izan eta nolako bizimodua zuten erakusten du landaretegi honek: elikadura, osasuna, espiritualitatea eta errituak... Baita janzkera ere, adibidez, larrubizi ez azaltzeko pikosto batez nola estaltzen ziren.
Liburu baten aipamenei jarraituz eraiki zuten, eta orduko ehundik gora landare aurki daitezke bertan. Tartean dira ezagun zaizkigun olibondoa ( Olea europaea ), mahatsa ( Vitis vinifera ), pikondoa ( Ficus carica ), mingranondoa ( Punica granatum ), datilondoa ( Phoenix dactylifera ), papiroa ( Cyperus papyrus ), ostargi-belar arrunta ( Iris germanica ), igebelarra ( Nymphaea sp. ), hemerokalisa ( Hemerocallis sp. ) etab. Badira ere ustez galduta zeuden landareak mirakuluz-edo berreskuratu dituztenak, kaparrondo bat ( Capparis spinosa ) adibidez. Landare bakoitzak bere etiketan ditu izen zientifikoa, aipatutako liburuan dakarren izena eta liburuko zein ataletan aipatzen den.
Liburua, pentsatuko duzun bezala, Bibliako Itun Zaharra da. Landaretegia Rodef Shalom Biblical Botanical Garden da, eta Ameriketako Estatu Batuetan dago, Pennsylvaniako Pittsburghen. Sarrera doakoa da, baina dohaintzak eskertzen dira. | news |
argia-d3343500a863 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/bi-kontu-argi.html | Bi kontu argi | Edu Zelaieta Anta | 2017-03-05 | Bi kontu argi
Cristina Uriarteren asmo oneko hitzak irakurri prentsa digitalean eta hurrengo egunean EAEko hezkuntza arloko sindikatu nagusiek grebarako deia entzun duzu irratian. Ezin xehero jakin, kronologiak iradokitzen duenaren ildotik, lehenbizikoaren adierazpenek zuzenean bigarrenen erabakia ekarri ote duten: hezkuntza sistema hobetzeaz ari zen sailburua, eta horretarako hainbat neurri aipatu ditu; Jaurlaritzak "oraindik" onartu ez dituen murrizketak salatu dituzte sindikatuek, eta horretarako huelgara deitu dute.
Afera akzio-erreakzio lege zaharraren barrenean kokatu edo ez kokatu ari zara pentsatzen sukaldean, goizeroko ogi xigortuari marmelada eman bitartean. Nolanahi ere den, administrazioari dagokio hezkuntza politika egitea eta, beraz, besteak beste, hezkuntza arloko sindikatuekin harreman onak izatea. Horrainoko iritzia behinik behin baduzu.
Bigarren kontu bat ere argi duzu: PISA txostenaren emaitza kaskarrek eragin dute sailburuaren agerraldia, komunikabideek emaitza horiek plazaratu eta ondoan; hau da, ranking batean lortuta koaren arrastotik mugitzen dira (batez ere) gure agintariak, eta ez, esate baterako, hezkuntza komunitatea osatzen duten eragileek hala eskatuta. | news |
argia-b345197b2a92 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/don-giovanni-balekoa.html | Don Giovanni balekoa | Montserrat Auzmendi del Solar | 2017-03-05 | Don Giovanni balekoa
Zalantzarik gabe, Mozarten operak errepertorioaren ederrenetakoak dira. Eta hauen artean, Don Giovanni faboritoenetako bat. Baina Mozarten musikak badu berezitasun bat: ederra eta melodiatsua, erraza eta arina dirudi, eta aldi berean oso-oso zaila interpretatzeko. Bai operetan, bai sinfonietan, bai pianorako egindako musikan, interpreteek ezabatu egin behar dute zailtasun hori, eta arintasun eta nolabaiteko etereotasunez bete behar dute giroa. Bestalde, Mozarten musikak badu beste ezaugarri arriskugarri bat: ez bada arimaz interpretatzen, aspergarria izan daiteke.
Esandakoarekin lotuta, aitortu behar da OLBEk antolatutako Don Giovanni ez zela espero genuen mailara iritsi. Interpretazioa, orokorrean, pisua izan zen, ez arina eta zertxobait aspergarria, ondoren aipatuko ditudan arrazoiengatik.
Lehenengo eta behin: eszenografia eta argiztapena. Aldi honetan, benetan pobrea. Eszenario bakarra izan genuen saio osoan. Bai, oso soila, edozertarako balio zuena, baina hiru ordutan hainbeste gauza gertatuta taula gainean, bada, ez zen nahikoa, eta bisualki erabat aspergarria. Posible zen, noski, argiztapen dotore batekin hori hobetzea, baina ez zen halakorik izan, guztiz planoa bazik.
Eszena zuzendaritza berriz, soila baita ere. Opera bukatzerakoan sentsazio arraro batekin geratu nintzen: ia-ia hobe kontzertu bertsioa eskaintzea, hain zuzendaritza eskasa egitea baino.
Baina, tira, egiari zor, alde musikala izan zen saioaren onena, nahiz eta primerakoa ez izan. Bakarlarien artean, bi emanaldi nabarmenduko nituzke. Alde batetik, José Luis Sola tenore nafarrak Don Ottavio konbentzigarria egin zuen. Ondo interpretatua eta oso egokia ahots aldetik. Bestetik, Gianluca Buratto (lehenengo aldiz OLBEn) baxuak txunditu egin zituen entzuleak, bere ahots biribil eta sendoarekin. Horrez gain, interpretazio intentzioduna egin zuen, zirraragarria. Emakumezkoen artean, Miren Urbieta Vega sopranoaren aktuazioa azpimarratu behar da. Bere Zerlina ez zen guztiz txispaduna, baina ahotsez primeran sumatu genuen, distiratsua. Gehiago espero zen, berriz, Davinia Rodríguez eta Serena Farnocchia sopranoengandik, Donna Anna eta Donna Elvira paperetan, nahiko planoak aritu baitziren. Nire zalantzak ditut Simon Keenlyside baritonoarekin, Don Giovanni egin zuena. Momentu batzuetan adorez aritu zen, beste batzuetan ez zirudien protagonista. Simón Orfilak Leporello rolean eta Giovanni Romeo baritono baxuak Masetto paperean, graziaz egin zituzten beren lanak, eta publikoak eskertu zuen.
Euskadiko Orkestraren lana, Kery-Lynn Wilson-en batutapean, diskretua. | news |
argia-359228648ae0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/buruko-gaitzak.html | Osasun arlotik haragoko esku-hartzea behar duen arazoa | Ainhoa Mariezkurrena Etxabe | 2017-03-05 | Osasun arlotik haragoko esku-hartzea behar duen arazoa
"Zein kolore du buruko gaixotasunak?", galdetu ziguten. "Txuria", erantzun nuen, gaiari buruzko ezagutza txikia, datu gutxi eta aurreiritzi asko nituelakoan. Ortzadarra atera zen, ordea, tailer hartan landutakoaren ostean.
Buruko gaitzak dituzten pertsonekin eta haien hurbilekoekin egiten dute lan Oarsoaldeko (Gipuzkoa) Arraztalo eta Aldura elkarteek. Pasa den abenduan, herritarrei zuzenduriko tailer irekiak antolatu zituzten hainbat herritan, eta haietako batean parte hartu genuen, Trintxerpen egindakoan. Tailer horiek ez zituen aditu, psikologo, mediku edo gizarte-langile batek gidatu, ohikoa litzatekeen gisan. Egoera gertutik bizi edota gaiaz interesa duenari eman zioten hitza. "Hizlari eta entzulearen paperak hautsi nahi genituen, guztiak borobilean eseri eta elkarrekin hitz egiteko helburuarekin. Modu horizontal batean, aurrez aurreko elkarrizketak nahi genituen, gaixotasun psikikoa duten pertsonen arreta lehentasun bihurtuz, betiere, bakoitzak gure esparruan betebehar bat dugula argi izanda", azaldu digute elkarteotako kideek.
Osasunaren esparrutik harago begiratzen dute tailerraren antolatzaileek, gizarte zabalean eragin behar dela argi baitute. Zentzu horretan, hutsuneak aurkitu eta datuak biltzen ari dira. Diotenez lan handia dago egiteke, ingurukoekin harremanak sendotzera bidean, esaterako.
Norena da ardura?
Gaixotasun hauekiko eta pairatzen dituzten pertsonekiko aurreiritziek integrazio-prozesua zailtzen dutela diote tailerraren sustatzaileek, eta beharrezkotzat jotzen dute lanketa soziala: "Gaixotasun psikikoa arazo soziala da. Osasuna kontuan hartzea garrantzitsua da, baina testuingurua ere bai. Gaixotasun hauek pertsonari eragiten dizkioten ondorioak gainditzeko ez dugu nahikoa baliabiderik".
Gaixotasuna duten pertsonek, senideek, sendagileek, gizarte langileek, politikariek eta herritarrek parte hartu dute Arraztalo eta Aldura elkarteen tailerretan, 91 lagunek orotara. Hala ere, eta aurretik hori gertatuko zela espero zuten arren, gonbidatuak zeuden politikarien laurdena ere ez zen bertaratu: "Haiena izan da hutsune nabarmenena. Iritzia eman eta errealitate bati aurre egitea zaila egingo zaie, agian. Gure helburua elkarrekin lan egitea da, ez eskean aritzea", diote: "Zein politika egingo ditugu politika horien onuradunak ezagutzen ez baditugu? Gaur egun gaixotasun hauek gainditu daitezkeela ez daukagu barneratuta, eta ondorioz azaleko politikak ditugu". Adibide gisa, salatu dute ia 2.000 direla Errenteriako osasun mentaleko zentrora doazenak, eta haiek artatzeko hiru psikiatra besterik ez daudela.
Aipatu digute hainbat eragilek esku hartzen duela, Osakidetzak osasun arloan egiten du lan, Aldundiak eta udalak gizarte politikez arduratzen dira, elkarteek programazioak aurkezten dituzte, enpresa pribatuek egoitzak eta lanpostuak eskaintzen dituzte... "Baina ez badugu norabide berean tira egiten jai dugu", kexu dira.
"Gizarte osoari dagokion arazoa izanik, ezin dio guztiari osasun sistemak soilik erantzun", diote: "Behin gaixotasunaren fase larrienak pasata, psikiatrak alta ematen dionean, ia zerotik hasi behar du pertsona horrek, gaixotasunak utzitako ondorioekin: isolamendua, etsipena, bizitza proiektua etetea, langabezia, arreta mantentzeko zailtasuna eta abar. Nor dago prest horri erantzuteko?".
Erantzunetan hori sumatzen dute faltan bi elkarteetako kideek. Botikak badira, eta gero eta terapia kognitibo gehiago, baina lan eta gizarte integrazio esparruak murritzak dira. Hori guztia Lanbidek kudeatu beharko lukeela pentsatzen dute, egiten duten eskaintza urria dela aditzera emanez. Izan ere, Gipuzkoan buruko gaitza duten gehienak langabezian daude.
Lehenik, onarpena
Tailerra egin zen gelako hormetan testigantza laburrak irakurri ahal izan genituen hasieran. Anonimoak ziren guztiak, gaixotasuna duten pertsonek esandakoak: "Oraindik kosta egiten zait ispilu aurrean jartzea". "Estigmarekin kalte handia egiten diguzue, gutxiago garela pentsarazten baitiguzue. Horrela guk ere gure burua gutxiesten dugu". "Gaixotasuna onartu behar da lehenik, ondoren pausoak eman ahal izateko. Gizarteak onartzen ez badu zailagoa da lehen urratsa ematea". "Beldurra digu jendeak, biolentoak garela uste dute, ezin dela gurekin egon, bereziak garela, zoroak. Gu pertsona normalak gara baina".
"Arazo hau dagoela denok dakigu", azaldu digute, "baina dimentsio guztietan aurre egiteko, lanketa kolektiboa egin behar da". Familia, osasuna, lana eta aisialdia aipatu dituzte. "Baina nor kezkatzen da gaiaz?".
Arraztalo eta Aldura elkarteak:
"Eurek uste baino gauza gehiago egiteko gai dira gaixo psikikoak. Haien autoestimua garatzea funtsezkoa da"
Trintxerpeko (Pasaia) tailerrean hamabost pertsona inguru bildu ginen. Gehienek gaixotasuna euren larruan edo hurbilekoengan bizi dute. Guk, aitzitik, aurreiritziak eta ezjakintasuna genituen ezaugarri. Ezjakintasun hori izan genuen hain justu hizpide, baita lotsa, estigmak, judizioak eta beldurra ere, besteak beste. Gaixotasuna bera deskribatzeko hitzik aurkitzen ez genuenez, koloreekin deskribatu genuen, gaixotasuna dutenek metaforak baliatzen dituzten moduan. Beltza, gaitza iluna delakoan; grisa, argitasunerantz bideratzen delako; morea, indartsua delakoan; berdea, itxaropena islatzeko... Eta guk, txuria, ezjakintasunaren ikur. Dena den, konturatu ginen uste baino gehiago dakigula gaiaz.
Autoestimua elikatzea xede
Finean, gaixotasun gisa ez ulertu, ikusi edo onartzeak ikusezin bihurtzen duela jabetu gara. "Geronek ere ez dakigu gaixotasunaz ari garen, nahasmenduaz edo zertaz", diote elkarteetako kideek: "Gauza asko dago egiteke: sendagileekin eta beste senideekin hitz egin, informatu, gaixotasuna duen pertsonarengana hurbildu eta erantzun kolektiboa eman".
Lehen, down sindromeak lotsa eta bazterkeria zekarren ingurukoen artera eta pixkanaka onartzen ari da. Elkarteok itxaropena dute buruko gaixotasunak sortzen duen estigma pixkanaka deseraikitzen joango dela. Izan ere, etengabe epaitu, seinalatu, ezkutatu eta baztertzen ditu gizarteak. "Eurek uste baino gauza gehiago egiteko gai dira. Askotan gakoetako bat autoestimua garatzea izaten da, hazi egiten baitira horrela", diote. "Ez gaitezen konplize izan".
Bestalde, gaixotasun psikikoen jatorriei buruz hitz egiten hastea "arriskutsua" dela uste dute elkarteetako kideek. "Genetika aipatzen da, ingurunea ere bai". Errealitate desberdinen, momentuen eta pertsonen arabera garatu edo azalduko da gaixotasun bat edo beste. Modu batean edo bestean biziko dituenak norberak.
Geroz eta gaixo gehiago daudela esan digute, nahiz eta haietako asko ez ditugun gaixoak bailiran tratatzen, pentsatzen dugulako euren portaeraren arrazoia besteren bat dela. Depresioa eta horrelako gaixotasunak normalizatzen ari direla gaineratu dute. "Osasun fisikoa bezala, buruko osasuna zaindu egin behar dugu, bizitzako zailtasunei aurre egiteko baliabideak garatu eta gure burua indartu. Zaila da, norberak egin behar duelako hausnarketa hori".
Horrez gain, gizarte ereduak hau guztia kutsatzen duela eman dute aditzera: adin tarteak planifikatuta egoteak, gugandik zerbait espero izateak, presioak, estresak, lan erritmoak, erantzukizunak, bizi proiekturik ez izateak, lehiakortasunak, tentsioak, aurrez ezarritako bidetik irtetea arazotzat hartzeak eta abar.
Neurri batean, gizarteak berak gaixotzen gaituela pentsatzera eraman gaituzte tailerrean bizitakoek. Aurreiritziak apurtu, ikuspuntua zabaldu eta gure lan-esparruak eta betebeharrak zeintzuk diren bilatuz amaitu genuen saioa. Dakigunez, euriak eta eguzkiak batera osatzen dute ortzadarra. | news |
argia-6074da908a88 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/espaziorik-ez-emakumeentzat.html | Espaziorik ez emakumeentzat | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-03-05 | Espaziorik ez emakumeentzat
Cañaveral lurmuturra (AEB), 1962ko otsailaren 20a. Mercury-Atlas-6 suziria jaurti zuten espaziora, John Glenn astronauta Friendship 7 kapsularen barruan zeramana. Lurraren inguruan hiru orbita egin zituen eta, hala, balentria lortzen zuen lehen estatubatuarra izan zen; Yuri Gagarin eta Gherman Titov sobietarrek aurreko urtean lortu zuten.
Hidden Figures filmak kontatu berri digu hainbat emakume beltzen kalkuluak funtsezkoak izan zirela misioaren arrakastan. Baina ez ziren espazioko lehian ezkutuan aritutako emakume bakarrak izan. NASA 1959an hasi zen zazpi gizonezko trebatzen astronauta izateko; Mercury Seven esan zieten. Baina programako ikerlari William Randolph Lovelace II.ak pentsatu zuen emakumeak egokiagoak izan zitezkeela espaziora joateko: txikiagoak eta arinagoak izanik, erregai gutxiago beharko zen haiek espaziora bidaltzeko; espazioan egonaldi luzeak ere aurreikusten zituzten, eta emakumeek gutxiago jan ohi dute.
Hala, FLAT (Lehen Emakumezko Astronauta Trebatuak) programa jarri zen abian, estraofizialki (gerora Mercury 13 esan zitzaien, baina ez ziren sekula NASAko Mercury programaren parte izan). Hegaldietan 1.000 ordutik gorako esperientzia zuten hogei emakumezko piloturi egin zizkieten zazpi gizonezkoei egindako proba berak eta hamahiruk gainditu zituzten: Myrtle Cagle, Jerrie Cobb, Janet Dietrich, Marion Dietrich, Wally Funk, Sarah Gorelick, Jane Ja-ney Hart, Jean Hixson, Rhea Hurrle, Gene Nora Stumbough, Irene Leverton, Jerri Sloan eta Bernice Steadman.
1962ko uztailean emakumeok Mercury programan ofizialki sartzeko eskaera egin zuten. Erantzuna NASAko ordezkari George Low-ek eta John Glenn eta Scott Carpenter astronautek eman zuten agerraldi batean: emakumeek ez zituzten astronauta izateko derrigorrezko baldintzak betetzen. Ingeniaritza titulua eta jet militarretako pilotu gradua behar zuten, baina garai hartan emakumeek debekatuta zeukaten Aire Armadako eskoletan ikastea, eta hegaldi zibiletako esperientziak ez zien ezertarako balio izan.
John Glennek berak esan zuen: "Eremu honetan emakumerik ez izatea gure ordena sozialaren ispilu da". Eta ingeniaritza titulurik izan gabe ere, bera programan onartu zutela aitortu zuen. Hurrengo urtean Valentina Tereshkova sobietarra izan zen espaziora joan zen lehen emakumea. | news |
argia-74e01059ca02 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/mas-eta-ibarretxeren-artean-elorrieta-falta-zen-kursaalean.html | Mas eta Ibarretxeren artean, Elorrieta falta zen Kursaalean | Xabier Letona | 2017-02-23 | Mas eta Ibarretxeren artean, Elorrieta falta zen Kursaalean
Artur Mas eta Juan Jose Ibarretxe. Bi lehendakari, bi ibilbide, amets bat: herrien erabaki eskubidea. Kataluniakoa nola doan azaldu zuen Masek, hemengorako bere klabeak Ibarretxek. Eta atzoko Kursaalen Joxe Elorrietaren izpiritua falta zen.
Iaz dozenaka herritan egin ziren kontsulta soberanistak Euskal Herrian eta aurten ere 60tik gora herritan egingo dira, lehenak martxoaren 19an Oarsoaldean. Kataluniako Arenys de Munten 2009an egin zen lehena. "Hura izan zen egungoaren hasiera", erantzun zion Artur Masek entzule baten galderari. Horra atzoko ekitaldiaren klabe bat: aurtengorako Gure Esku Dagok antolatu dituen kontsultak. Ekitaldiari hasiera emateko, elkarte honen bozeramaile Zelai Nikolasek argi utzi zuen herri honek bere etorkizuna erabaki nahi duela. Samara Velte Berria -ko kazetariak aurkeztu zuen ekitaldia.
Gure Esku Dagok eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak gidatzen duen Agirre Lehendakari Centerrek antolatu zuten atzoko klasea Donostiako Kursaalean. Bi lehendakari ohi 1.800 pertsonen jarrera beroaren aurrean, Kataluniako prozesua zertan den eta erabaki eskubidearen nondik norakoak azaltzeko prest. Bazen morborik. "Ekitaldi akademikoa da hau", zehaztu zuen hainbatetan Ibarretxek, baina ekitaldi akademikoetan entzuleek ez dute irakasleetako bat independentzia oihuekin hartzen honek hitz egin behar duenean, atzo Masekin gertatu bezala.
Edo ekitaldi akademiko batean xehetasun gehiago jarri beharko zukeen Ibarretxek Estatutu Berriaren proiektuaren porrotaren nondik norakoez eta haren argi-ilunez; besteak beste, ikaslegoak hausnar ahal dezan egoera hartaz eta euskal soberanismoak berriz harri bertsuekin estropezu egin ez dezan. Erabaki eskubidea aurrera ateratzeko, instituzioek eta herritarrek elkarrekin egin beharreko bidea giltzarri zela aipatu zuen Ibarretxek; Ibarretxe Planeko garaian horrek zergatik huts egin ere gustura entzungo genukeen bertaratutako ikasleok, sikiera labur-labur.
Zein urrun den Everest
Everesteko metafora erabili zuen Ibarretxek Euskal Herriko eta Kataluniako igoera saioak konparatzeko. Joan den hamarkadan berak bultzatutako estatutuaren erreformarekin II. Kanpamentura iritsi zirela eta orain katalanek lortu dutela III. Kanpamendura heltzea. Munduan estatu berriak sortzea posible dela azpimarratu zuen: "1945ean NBEn 51 herrialde ziren eta 2011n 193". 2030ean estatu berri gehiago izango direla gehitu zuen eta Eskozia, Katalunia eta Euskal Herria horien arten ikusten dituela.
Nola heldu gailurrera? Gizarte soberanista eta instituzioak elkarrekin joanda. Maltzagaren metafora berriz azaleratuz, abertzaleak elkarrekin abiatuta. Katalunian aurrera doazela eta hemen ere bai, asko garela erabaki eskubidearen aldekoak. Eta une horretan bota zion amua berau irensteko prest zegoen entzulegoari: "Zenbat gara"? Eta ekin zion Benito Lertxundiren abesti ezagunari, eta publikoak gogotsu jarraitu ere. Oso agerikoa da Ibarretxek arrastoa utzi zuela EAJko bere jarraitzaileetatik oso harago, bereziki abertzaleen artean.
1800 pertsona bildu ziren Kursaalen ekitaldia jarraitzeko. (GED)
Mas da iparra Euskal Herrian
Altxatu zen Mas bereari ekiteko, eta publikoak "independentzia" oihuekin hartu zuen. Eta zutik. Ikurriña eta estelada ere agertu ziren. Aparretan zen Mas, aparretan daraman moduan azken asteak, bereziki 10 urteko inhabilitazioa eskatzen dion epaiketa jasan ondoren. Mas-en itzulera da hau, sufritu du itzalean, baina Carles Puigdemont Generalitateko lehendakariak aurkeztuko ez dela iragarri ondoren, bere txanda da, oraindik bere alderdiak ofizialki izendatu ez duen arren. Noiz eta nola ez dago garbi, lehenbizi ikusi behar baita hauteskundeak noiz egingo diren, erreferendumik izango den, eta baita bere inhabilitazioa noiz etorriko den ere. Baina itzuli da, hortaz ez da zalantzarik.
Egia esan, Kataluniako prozesuaren azken zazpi urteetan esaldiren bat entzun bada beste askoren artean honakoa izan da: "Ausartuko da Mas?". Ausartu zen, eta nola gainera. Hori bere motxilan dauka jada. Horrexegatik bakarrik euskal soberanismoaren ikurretakoa da, besteak beste, honek ere horrelako bat nahiko duelako jeltzaleen artean. Ibarretxe saiatu zen, baina testuinguruak eta bere alderdiak ez zioten utzi aurrera egiten. Eta bistan da Urkulluk ez duela Mas izan nahi. Euskal soberanismoak ez du Masena moduko figurarik eta faltan botatzen du.
Hiru klabe eta lau une
Masek sinple eta pedagogikoki azaldu zuen Kataluniako prozesua. Ez zuen ezer berririk azaleratu, baina ondo laburbildu zituen prozesuaren oinarriak, hiru klaberekin eta lau unerekin. Klabeak: Bat, prozesuaren oinarria herritarren eta gizartearen esku dago, haiek ari dira bultzatzen berau; bi, prozesua baketsua eta integratzailea da, eta azaldu zuen Kataluniako herritarren %70 ez dela katalan jatorrikoa, eta hala ere gehiengoa erabaki eskubidearen aldekoa dela; eta hiru, prozesua erabat demokratikoa dela eta legalitatearen aldeko apustu tinkoa egin dela, "milioika pertsona izan dira kalean azken urteetan eta ez da edukiontzi bat erre edo kristal bat apurtu".
Lau uneak hala laburbildu zituen. Lehena 2012an berak Mariano Rajoyri itun fiskala irtenbide gisa eskaini zionean: "Erantzuna ezezko borobila izan zen. 1,5 milioi herritar atera ziren kalera erantzun gisa independentzia eta estatua eskatuz. Bigarren unea, 2014ko azaroaren 9ko kontsulta izan zen: "Debekatu zuten eta egin genuen. Mezu argi bat atera genuen: beldurra galdu diogu Estatuari". Baina hura ez zen nahikoa eta horregatik deitu ziren hauteskunde plebiszitarioak. Hori zen hirugarren unea, 2015eko hauteskundeak. Junts Pel Sí eta CUPek gehiengo osoa lortu zuten eta lehen legebiltzar independentista, "eta boto guztien %48ra ere iritsi ginen".
Laugarren unea 2016ko urtarrilean gertatu zen, mingarria beretzat, "beto dinamika batean murgildu ginelako" esan zuen CUPek bere lehendakaritzari emandako ezezkoa deskribatzeko. Eta Masek horren gustuko duen beste une epikoa eskaini zion entzulegoari solemnitate osoz: "Erretiratu egin nintzen, eta berriz egingo nuke berdin: lehenengo herria, gero alderdia, eta ondoren pertsona!". Entzulegoak txalo zaparradarekin erantzun zion.
"Tentsio handiko uneak biziko dira"
Egungo une zehatzari ere egin zion erreferentzia Masek eta azaldu zuen Kataluniako mugimendu soberanista ekintza-erreakzioan oinarrituta dagoela, Espainiako gobernuak eraso egiten diola Kataluniari eta honek bere burua defendatzen duela. "Guk Mediterraneoko Danimarka egin nahi dugu!". Txalo beroak. Bi ideiekin amaitu zuen. Lehena: "Arrakastaren gakoa da erabaki eskubidea indarrean jartzea, ez bakarrik aldarrikatzea. Eta hori egingo dugu berriz 2017an. Bozkatzea bera irabaztea da". Bigarrena: "Batasun politikoa eta mobilizazioa. Instituzioek bakarrik ez dute Estatua garaitzeko indarrik". Batzuetan begiak igurtzi behar izan nituen, baina bai, CDCko idazkari nagusi izan zen Artur Mas bera zen.
Eta zer gertatuko da 2017 honetan? Galdetu aurretik berak erantzun zuen. Estatuak epaiketen eta errepresioaren bidetik jarraituko du, "baina zenbat eta epaiketa gehiago, are eta gehiago handituko da esparru independentista. Pentsatzen duten kontrakoarekin egingo dute topo". Tentsio handiko uneak iragarri zituen, bereziki deskonexio legeak onartzen direnean –Estatuak berehala baliogabetuko dituenak– eta erreferendumaren unean. Eta Estatuak eskaintza on bat egingo balie?, galdetu zioten. "Aurrera jarraituko genuke. Alternatiba amore ematea litzateke –"tirar la toalla"– eta ez dugu hau guztia egin horretarako".
Euskal burujabetzaren dilema
Aho zapore ona utzi zion ekitaldiak bertaratu zen entzule soberanistari, ohera gustura joateko modukoa, Kataluniakoa hemen noiz errepikatuko den amesteko prest. Ezker Abertzaleko buruzagiak –tartean Arnaldo Otegi eta Joseba Asiron– izan ziren ekitaldian, EAJko asko ere bai, besteak beste GBB eta BBBko buru Joseba Egibar eta Itsaso Atutxa; baita Markel Olano Ahaldun Nagusia ere.
Euskal soberanismoak, ordea, ez du garbi zein bide jorratu behar duen. Asko sintetizatu eta sinplifikatuz, EAJren ikuspegi ofizialak ez du Kataluniarekin ezer jakin nahi, Gernikako Estatutuaren erreformaz PPrekin aldebiko akordioa lotu nahi du eta kito. Nahiko du kudeaketarekin eta Espainiako herritarrak baino hobeto egotearekin. EH Bilduk ez du estrategia argirik, EAJren bueltan ari da batetik, hura gabe jai dagoela sinetsita, baina haren enrokea nola gainditu asmatu ezinik.
Bien korronteen erdian ari da Gure Esku Dago bere kontsultekin, Maltzagako izpirituaren eredurik bikainenean, kolore anitzeko abertzaleak bilduz, baina oraingoz Kataluniako ANCren botere faktiko izaeratik urrun. Lortuko al du alderdien akuilu izatea, sikiera neurri txiki batean, kontsulten uholdearen amaierarako? Zer bide jarriko da kontsulten ondorengorako bildutako adore soberanista etsipenean gal ez dadin?
Eta beste hiru horien artean bada beste laugarren korrontea ere, oraintxu ELAko idazkari nagusi ohi Joxe Elorrietaren liburuak azaleratu duena: EAJk ez du soberanismoan aurrera egin nahi eta, beraz, ezkerreko soberanismoak aurrera egin behar du EAJrik gabe , beste indar harreman bat lortu eta EAJ horretara behartu arte. ELAk uste du bide gaitza dela, soberanismoa ahul dagoela, baina badela zumerik horretarako: ELAren eta LABen jarduera bateratua, eta gizarte mugimenduan ari diren beste hainbat aktoreren arteko aliantza, hori da aktibatu behar dena sindikatuaren ustez. Bide horretara eraman nahi ditu Sortu eta EH Bildu ere.
Neoliberalismoa
Korronte zabal honetan, neoliberalismoaren eztabaida prozesu soberanistaren erdigunean nahi da. Maltzagako teoriei jarraiki, Gure Esku Dagok ihes egin izan dio "abertzaleak banatzen" dituen horri: erabaki eskubidea eta kito. Baina erabaki eskubidea gero eta hedakorragoa da gizarte mugimendua gizentzen duen sektore gero eta zabalagoan: erabaki zergez, erabaki erraustegiez, erabaki norbere gorputzaz, erabaki elikaduraz… edo gutxienez, eragin horietan guztietan ere.
Subjektu soberanista hori zen atzo Kursaalen falta zena. Gaur egun ez dira kontrajarritako bi norabide, baina burujabetza prozesua bultzatu nahi dutenek adostu beharko dute zein bide eta nola. Besteak beste, artikulu honetan hitz egin ez dugun euskal En Comú ere gure artean delako, eta bide soberanistan, Katalunian eta hemen, giltzarri izango delako. | news |
argia-28ac08b40fdf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/argipean.html | Argipean | Igor Estankona | 2017-03-05 | Argipean
Mikel Etxaburuk ipurtargiarena egin du Bilboko Blas de Otero Poesia saria merezi izan duen Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak (Erein, 2016) honetan. Ipurtargiak ez ei du eguzkia helburu: "Ematen du bere burua ikusteko lain argi;/ eta nahikoa zaio nor den ez ahazteko". Ipurtargiaren argiak, bat-batean, farolak dira. Urbanoa baina naturarekiko erreferentziaduna, itxaropentsua baina hitsa, geldoa arean, liburua gauzen inguruan ohartzeko deia da zelanbait. Etxabururi ez zaio interesatzen sublimazioa edo zeru-goia; nahiago du lurreko ikusmira. Autoreak berak esana du: "Poesiak badu errealitatea eraldatzeko mailu hori. Niretzat poesia hori da: begiratzetik ikustera dagoen urrats hori poemetan islatzea. Zein da urrats hori? Kontzientziarena".
Eta kontzientzia poetikoa eta soziala nahastean, ibiltzen ditu kaleak, barnekoak zein kanpokoak, bihotz-begiak zabalik, eta ez hainbeste begiak eurak. Horrela errebelatzen zaizkio gaueko biztanleak, kutxazainetako maizterrak, ikusezin bihurtu ditugun geure mamuak: "Eguzkia irten da./ Plazetako egurrezko eserlekuak okupatuta daude,/ beti daude okupatuta,/ eta beti dira berdinak/ egurrezko eserlekuak hartzen dituztenak".
Horregatik liburu honen hariak biderkatu egiten dira hiriaren irudi-amarauna sortu arte. Fikzio pertsonal antzeko bat da amaraun hori, esperientziak eta oraina lotzen dituena modu aski erreal batean, lirismo aski hausnartu batekin.
Batera eta nahasian datoz, halaber, argia eta gerizpea, nia eta besteak, denbora eta memoria. Halako osotasun bat opatzen dio horrek poemategiari, inoiz eskergarria, uneka monotonoa. Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak gehiago da pentsalari baten poema liburua, poeta baten pentsamendua baino. Edertasuna, erritmoa, hitza… bigarren mailakoak dira beste bertute batzuen aldean. Kritika, hunkidura, enpatia… horiek bilatzen ditu Etxaburuk agirika, eta askotan desesperazio hori, zerbait esan beharraren beharra, horixe da hain zuzen poema konplikatu eta nahastu egiten duena, metafora duda mudazkoetan: "Eta olatuak bainuontzian gorde nahi zenituzke,/ baina beranduegi da, bainuontzia zulatuta dago eta/ itsasoak ihes egin du zure bainugelatik".
Hau ez da Zu zara orain txoria (Elkar, 2011) eta Hodeiak zapatetan (Susa, 2014) bezain freskoa, ez da hain borobila. Haietan erreka bezala zioan irakurketa, berez-berez. Honako lan hau behartuagoa iruditu zait, energia xahutze bat. | news |
argia-8892bc1a71d0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/irakurleak-galdezka.html | Irakurleak galdezka | Jakoba Errekondo | 2017-03-05 | Irakurleak galdezka
Kaixo Jakoba. Arrosa daukat balkoiko loreontzi batean. Pentsatuta neukan martxoan kimatzea, baina ikusi dut adaxka berriak ateratzen hasi zaizkiola. Komeni da kimatzea? Eta nola kimatzen da arrosa?
Arantza Arrue (Andoain)
Kaixo Arantza. Arrosondo edo arrosa landare mota asko dago: igokariak, loraldi luzekoak, urtean behin besterik loratzen ez direnak... Lorontzian baduzu, arrosondo motza eta loraldi luzekoa izango dela pentsatzen dut. Horiek martxoan inausteko esaten dut, baina orokorrean. Garrantzitsuena kimu berriak azaltzen direnean egitea da. Horrek izerdi berria mugitu dela adierazten du. Izerdi horrek di-da batean itxiko ditu inausketan egingo dizkiozun zauriak.
Inausketa egitea komeni da arrosondoa lahar-edo igokaria delako (kiwia, mahatsa, etab. bezala). Arrosondo motz horiek jeneralean txertoa izaten dute oinean. Txerto horren gainetik 2-4 adar indartsu izatea komeni da. Horiek mozten dira, motz, asko jota arrabete luze utzita. Horrela arrosondoa beti gaztea, berrituta, indarrean izango da, eta loreak ere sendoagoak izango dira.
Lan hori bezain garrantzitsua da ongarritzea. Loraldi oparoa nahi baduzu, eman jaten. Eman eta eman. Ongarri organikoa onena: simaurra, luarra edo konposta. Eta ongarriketa udaberrian eta udan errepikatu. | news |
argia-1d640eebb3c4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/aberaskumeen-matxinada.html | Aberaskumeen matxinada | Asier Blas Mendoza | 2017-03-05 | Aberaskumeen matxinada
Bukaresten mobilizazio handiak izan dira ustelkeriaren kontra iragan asteetan. Hogeita bost urte baino gehiago pasatu dira Errumaniak neoliberalismoa besarkatu zuenetik. Ordutik herrialdea kanpoko kapitalaren esku jarri da, pobreziak gora egin du eta krisialdi sozialari aurre egiteko emigrazioa irtenbide nagusietako bat da herritarrentzat. Balkanetako herrialde horretan protestatzeko motibo asko dago, baina ez da kasualitatea XXI. mendean kaleak jendez bete izana, soilik ezkerreko gobernu aratz bat osatu denean.
2016ko abenduko hauteskundeetan sozialdemokratek garaipen handia lortu zuten. Horri esker, azken hamarkadetan lehenengo aldiz Errumaniako Gobernuak neoliberalismoaren kontrako neurri-sorta jarri du martxan: gutxieneko soldata %16 igo du (275 eurotatik 320ra); soldata handiek osasun, pentsio eta langabezia sistemak ordaintzeko zergak 1.380 eurora arte ordaintzen zituzten soilik, hortik gora irabazten zutena ordaintzetik salbuetsita zegoen, orain soldata osoak ordaindu behar ditu aipaturiko zergak; azkenik, atzerriko multinazionalei irabazien gaineko zerga %5etik %16ra igoko zaiela iragarri du gobernuak. Horrela, orain arteko zergen politika neokolonialarekin amaituko litzateke, izan ere, atzerriko enpresa multinazionalek zerga gutxiago ordaintzen dituzte errumaniarrek baino. Neurri berri horrek lehiatzeko garaian aukera berdintasuna segurtatuko lieke etxeko enpresei eta ogasun publikoaren finantzak hobetuko lituzke politika sozialetan inbertitu ahal izateko.
Posibilitate honek haserrea piztu eta mobilizazioak hauspotu zituen ustelkeriaren eta gobernuaren kontra. Mendebaldeko gobernuek, enpresek eta milioidunek ordaintzen dituzten Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE) aitzakia ederra topatu zuten ezkerreko gobernuaren kontra jotzeko eskumaren eta enpresarioen babesarekin
Halere, gobernu berriak hutsegite larria izan du. Europar Batasunak Errumaniako presondegien egoera kaskarra salatu izan du maiz, baita azpimarratu ere gainpopulatuak daudela. Horri aurre egin nahian, Justizia ministro Florin Iordache-k bost urteko kondena baino gutxiago duten presoak ateratzeko ordenantza onartu zuen. Neurria aplikatu izan balitz, kondenaturiko politikari ustel asko kalean egongo lirateke. Posibilitate horrek haserrea piztu eta mobilizazioak hauspotu zituen ustelkeriaren eta gobernuaren kontra. Mendebaldeko gobernuek, enpresek eta milioidunek ordaintzen dituzten Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE) aitzakia ederra topatu zuten ezkerreko gobernuaren kontra jotzeko eskumaren eta enpresarien babesarekin. Errumaniako eskumako presidente Klaus Iohannis-ek manifestariak animatu eta babestu ditu. Bestalde, bitxia izan da ikustea atzerriko enpresetako eta bankuetako buruak protestetan parte hartzen, beraiek ustelkeriaz ezer jakingo ez balute bezala.
Mobilizazioetan klase ertain-altua izan da nagusi. Brasilen Dilma Rousseffen kontrako protesten itxura hartu dute: oligarkak, jende aberatsa, kanpoko enpresetako langileak, unibertsitarioak eta GKEetan lan egiten duten gazteak zeuden nagusiki. Karteletan pobreei boto eskubidea kentzeko aldarrikapenak zeuden eta gobernua komunistatzat jo zuten. Halako batean, gazte batzuek kanpoko enpresen abantaila fiskalen kontrako pankarta bat atera zuten, eta segidan, manifestariek manifestalditik botatzeko inguratu zituzten. Paul Hitter-ek (bere burua ijito artistatzat duenak) eta Laurentiu Ridichiek, bi artista errumaniar, manifestazioei buruzko zenbait irudi egin dituzte manifestariak aberaskume kapitalista zaleak bezala karakterizatuz.
Mobilizazioak hasi eta egun gutxira Justizia ministroak dimititu zuen, berak sustatutako erabakiak bertan behera geratu ziren. Halere, noski, protestek jarraitu zuten, izan ere, mobilizazioen benetako helburua neoliberalismoaren aurkako neurriekin amaitzea zen. Munduan azkenaldian barreiatzen diren aberaskume matxinaden beste adibide bat izan da Errumaniakoa. | news |
argia-b211a46e904b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/bi-aholku-zoro.html | Bi aholku zoro | Bea Salaberri | 2017-03-05 | Bi aholku zoro
Euskal Elkargoko arloetako arduradunak hautatzean, abilki ibili da Jean-René Etxegarai presidentea, inplikatuz egitasmoaren kontra zirenak, baita lekua utziz abertzale etiketadunei ere –ez soberarik halere, hogeita lauetatik bost baitira EAJkoa kontatuz gero– eta hizkuntza politikaren komisioaren buru dugu Beñat Arrabit.
Detaile pipertsu bat: filtratu da Peio Claverie-ri ziotela proposatu lehen intentziotan eta honek kargua ukatu. Pena eman dit kontuak: gogorarazten baitu hainbatetan abertzaleei karguen asumitzeko prestutasun eza leporatu zaiela eta neke zait ulertzea gaia "pisuzko hautetsi" bati ematea egokiagoa litzatekeelako aitzakia. Dena dela, ez da harritzekoa horrelako misioaren aitzinean dudatzea. Hizkuntza politikarekin euskaltzaleak zorrotz eta aurkariak tole egonen direlako. Gainera, ez badabil, euskaldunengatik izanen da. Ez da partida goxoa datorrena eta EAJko Arrabitek ez du Ajuria Eneko sostengu paternala aski izanen aurrera egiteko, baina ontsa inguraturik eta zorrotz jokatuz, aitzina baizik ez dezake egin.
Aholku ematekotan, hau oroitaraziko nioke: gaur (politikari) erdaltzaleak dira mugatzen gaituztenak. Azken urteetan Iparraldeko gizartearen parte inportantea mobilizatu bada hizkuntzaren ezagupenaren alde, aurkakoen partea handia da: trabatzen duena, kontra egiten nahiz futitzen dena. Halaber multzo honek ordezkari andana ditu Elkargoaren karguetan, nahaskeriatan zailduak. Oroitu: euskararen eskumena Elkargoak bere gain hartu egunean berean, parte hartzaileetarik batzuk "Frantzian gaude" heiagoraka kexatu ziren, kide batzuek hitzartzea euskaraz egitea galdetu zutenean. Dudarik gabe, emendatuko da joera, logikoki: diru publiko gehiago bideratuko da, hizkuntzari neurri gehiago hartuko eta orokortuko lurralde mailan, araiz! Amets soil hau aski da frantximentak mehatxatuak sentitzeko.
Kexatzen dena mehatxatua sentitzen baita, baztertua izateaz, zerbait galtzeaz, bere botere jakobinoa ez aplikarazteaz. Etorkizun hurbilean euskararen hizkuntz politika garatuko balitz, guk irabazi baina jende horiek ez lukete deus galduko. Baina hori ez dakite. Adibidez, Hegoaldean lan munduan burutzen diren erabilera plangintzetan, arrakastaren baldintzetarik bat da lortzea planetik kanpo direnak ere integra daitezen, plana beraiena ere egin dezaten, horretan rol bat ukan. Erdaldunak, euskaraz ez eginik ere, bat egiten badu planteamenduarekin ez du ondotik oztopatzen dinamika. Horrela, irabazle sentitzen direlako, lortzen da euskaldunak ez marjinatzea.
Politika berriak definitzean, funtsezkoa iruditzen zait gizartearen parte hori desaktibatzeko estrategiak eta diskurtsoak pentsatzea. Arrabiti opa diot asmatzea finki jokatzen eta ororen inplikatzen euskararen planean, Hegoaldean bere kideek sekulan lortu ez dutena hots, bestela mugaren haraindian bezala eternalak izanen direlako eztabaidak, antzuak eta ziklikoak. Halere, horrek ez du erran nahi hartuko diren neurriak negoziatu behar direnik, gutxiago egitea onartu behar denik, baizik eta desberdinki bideratu behar dela, kreatiboa izan argudiaketan.
Ondotik, hasian hasi, euskalduntzat bezala, kakinarazten gaituzten erdaldun traumatikoentzat TELP ikastaro bereziak apailatuko nituzke. Frustratzeaz gain, higatzen baikaituzte betiko aurpegi eta sermoiekin. Egin diezaiegun ikasgai bat neurrira: ikas dezaten ez panikatzen, aurreiritziak baztertzen, komunikazioan ahalegintzen. Hori ere lantzen da eta! Eta beharrezkoa ere da, euskaldunak deskonplexatzea, akuilatzea bezainbat, aukerak biderkatzea bezainbat. | news |
argia-91cb27be24e1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/preskribatu-ezin-duen-estatu-sarraskia.html | Preskribatu ezin duen estatu sarraskia | Juan Mari Arregi | 2017-03-05 | Preskribatu ezin duen estatu sarraskia
41 urte bete dira Gasteizen polizia frankistak tirokatuta langileak sarraskitu zituztela grebalarien asanblada batean.
41 urte bete inpunitate, oraindik ez baitira erantzukizun penal eta politikoak argitu bost lagun hil eta hamarnaka zauritu zituen krimen haren inguruan. Halako sarraski batek ez luke inoiz preskribatu behar, baina hala ere judizialki artxibaturik gera daiteke.
Langileek eta Euskal Herriko mugimendu sozialek, hala nola senide eta lagunek, ez dute injustizia hori onartuko. Hain zuzen, Frankismoaren krimenen kontrako euskal plataformak salatu du Gasteizko epaitegi batek 1976ko martxoaren 3ko gertaerak preskribatutzat eman dituela. Martxoaren 2an Arabako hiriburuaren epaitegi aurrean elkarretaratu dira "justizia" aldarrikatzeko.
Ebazpen judizialaren arabera, masakre hura ezin omen da tipifikatu gizateriaren kontrako delitu gisa. Frankismoaren krimenen kontrako plataformaren ustez, baina, argudio hori nazioarteko legalitatearen kontrakoa da. Jokabide judizial horrek erakusten du Espainiako Gobernuaren eta justiziaren borondate eza nazioarteko legalitatea errespetatzeko. Frankismoan krimenak egin zituztenen inpunitatea betierekotu nahi dute. Langile eta herritarren oroimenean iltzatuta daude Fraga, Martin Villa eta beste izen batzuk.
Euskal erakundeek, sindikatuek, alderdi politikoek eta mugimendu sozialek indarrak batu beharko lituzkete inpunitate hori luzatzea eragozteko. 1976ko gertaerak baditu arduradun politiko eta pertsonalak. Eta Espainiako Gobernuak badaki hori. Gasteizen izandako estatu-sarraskiak ezin du preskribatu, eta justiziak ez luke krimena estali behar. | news |
argia-67d36bff2a35 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/sustraiak-habitat-design.html | Permakultura oinarri, lurra biziberritzen | Garazi Zabaleta | 2017-03-05 | Permakultura oinarri, lurra biziberritzen
"Pertsona 'birziklatuak' gara Sustraiak Habitat Design kooperatibako kideak: lan industrialagoetatik gentozen, baina krisia eta beste arrazoi batzuk medio, bestelako bideak jorratzeari ekin diogu". Eber Egino kooperatibako kidearen hitzak dira. Lorezaintza eta nekazaritza ekologikoa ikasi zuen berak, eta duela urtebete inguru jarri zuen martxan kooperatiba beste bi kiderekin batera: kimikaria lehena eta paisaia-pintore eta aparejadorea bigarrena.
Biziberritzea helburu
Habitatak biziberritzea da Sustraiak Habitat Design taldearen helburu nagusietako bat. Lurraldearen ikerketa lana egiten dute lehenik, lur horren beharrak zeintzuk diren jakiteko. Ateratako infor-mazioarekin, kooperatibak lurraldearentzako planteamendu oso bat egiten du. Orain, adibidez, Arabako Añanako kuadrillan dute martxan proiektua. "Permakulturatik lurralde horren kudeaketan egon daitezkeen aukerak aztertuko ditugu, eta batez ere, bertako errekurtsoak balioan jarri", azaldu digu Eginok.
Administrazioarentzat ez ezik, nekazari txikientzat ere jarduten du kooperatibak. Lur-zati txikien kasuan, hidrologia aldetik sistema eraginkortzen saiatzen dira, baita mikrobiologia bidez eta oinarri ekologikoak erabiliz alorren emankortasuna berreskuratzen ere. "Egungo nekazaritza eta abeltzaintza oso erasokorra da lurrarekin eta pertsonekin. Kimiko guztiak kentzea eta aipatutako beste bide horiekin emankortasuna bilatzea da gure lana".
Baso jangarrien ikastaroa
Kooperatibak antolatutako azken ekimenen artean, otsailean Suakin elkartearekin batera Etxalarren egin berri duten baso jangarrien ikastaroa dago. "Berez ez da baso bat, baizik basoa eredutzat hartzen duen nekazaritza mota bat", dio kooperatibako kideak. Basoko sistema "kopiatzen" dute emankortasuna handitzeko. Geruza ezberdinetako zuhaitz, zuhaixka eta fruta-arbolak landatzen dituzte, eta animaliak sartzen (ardiak, behiak, oiloak...) ongarri sistemaren zikloa ixteko. Dibertsitate –eta aldi berean emankortasun– handiko sistema izan ohi da baso jangarria. | news |
argia-6e211a7c1535 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/fito-jimenez-urbizi-plataformako-kidea.html | "Ura urtegietan bilduz gero, haren kontrola galtzen duzu" | Reyes Ilintxeta | 2017-03-05 | "Ura urtegietan bilduz gero, haren kontrola galtzen duzu"
Urak dakarrena, urak daroa… baldin eta ur hori urtegi erraldoi batean ez badute biltzen hamaika negozio egiteko.
Gabriel Arestiren "Bartzelonako unibertsidade mutil" horietako bat izan zinen?
Oraindik gogoan daukat poema hori, erdaraz. Sarriáko Kimika Institutuan ikasi nuen, Bartzelonan, Frankismoaren azken urteetan. Oso garai interesgarria izan zen. Politikara hurbildu nintzen bi bidetatik: alde batetik anarko-kristauak ezagutu nituen eta bestaldetik abertzaleak, Joxemi Zumalaberen bidez. Oso lagunak ginen. Bera izan zen nire lehen euskara irakaslea. Arestiren olerkiak ekartzen zizkigun eta buruz ikasten genituen. Bartzelonako euskal giroan eta ikasle batzordeetan mugitzen ginen. Ikasketak bukatutakoan Iruñera etorri eta bide komunista hartuta EMKn sartu nintzen. Garai hartan, frankismoaren azken urteetan, lehen mugimendu ekologistetan hartu nuen parte. Lanean ere alor honetan hasi nintzen berehala, energiari buruzko ikerketetan eta hondakinen kudeaketa plangintzak egiten.
Laster Erdialdeko Amerikara joan zinen. Zer dela eta?
80ko hamarkadaren bukaeran Nikaraguara joan nintzen Espainiako Agentziak kontrataturik hango gobernuarekin hondakinen plana egiteko eta uraren inguruko programa batzuk abiarazteko. Hango jendearekin oso lantalde ona egin genuen, baina 1990ean sandinistek hauteskundeak galdu zituztenean alde egitea nahiago izan nuen eta Guatemalara joan nintzen.
Zertara?
Hiru urte aritu nintzen nire kasa Chiapasen egondako Guatemalako errefuxiatuekin lanean, haien itzulera prestatzen. Han Rigoberta Mentxurekin aritu nintzen, Nobel saria hartu baino lehen. Oso harreman ona genuen. Diru aurrezkiak amaituta Iruñera itzuli nintzen 1993an eta Itoizko urtegiaren inguruko txosten bat egin nuen.
"Batzuek uste dute zenbat eta urtegi gehiago izan orduan eta ur gehiago dugula, eta hori ez da egia. Bizitzeko behar dena baino gehiago bilduz gero, berehala agertzen dira ur horren jabe egin nahi dutenak eta kontzesioak. Ondare publikoa pribatizatzen da, eta kontzesio horiek ezin dira gero kendu"
Eta gero berriz Amerikara?
Egia esan ikaragarri aspertzen nintzen, baina suertea izan nuen eta Munduko Medikuengandik jaso nuen deia, errefuxiatuen itzuleran berriz lan egiteko Amerikan. Erdialdeko Amerika osoan ibili nintzen, Chiapas, Nikaragua eta Salvadorren, batik bat.
Noiz itzuli zinen Euskal Herrira?
1998an. Bikotekideak, Pili Yoldi kazetariak, garapenaren inguruko lan bat egitera etorri behar zuen EHUra eta itzultzea erabaki genuen. Plentzian jaio zen gure alaba nagusia, baina berehala joan ginen Portugalera Munduko Medikuek han abiarazi nahi zutelako erakundea eta laguntza beharrean zeuden. Bi urte izan ginen han, hango mediku eta erizainekin lanean, oso jende jatorra, eta diru emaile sare sendoa eratu genuen. Programak abian jarri ondoren Iruñera itzultzea erabaki genuen. Gure haurra desgaitasun batekin sortu zen eta pentsatu genuen hobe izanen zela etxera itzultzea.
Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroa enpresa publikoan hasi nintzen lanean eta hor izan naiz iaz erretiroa hartu arte.
Ura-Nueva Cultura del Agua taldeko kidea zara. Zer da talde hori?
Penintsulan diharduen oso erakunde interesgarria da, bereziki akademiako adituek osatua. Uraren kudeaketa jasangarria ideiatik abiatuta, herri mugimenduei sostengu teknikoa emateko asmoarekin sortu zen. Guk Itoizko urtegiaren inguruko txostena egin genuenean haien laguntza izan genuen. Amerikatik itzulitakoan sartu nintzen eta orain zuzendaritza taldean nago, baina denbora gutxirako, gazteei bide eman behar zaielako. Haiekin harremanetan hemen Ura izeneko plataforma sortu genuen, baina orain aldaketa eginen dugu eta Urbizi izena izanen dugu hemendik aurrera.
Izenaz gain izaera ere aldatuko da?
Garai berri honetan sare bat antolatu nahi dugu. Asmoa da eskualdeetan uraren inguruan lanean ari diren kolektiboek batzordean protagonismoa hartzea: Esako urtegiaren aurka dagoen Zangozako jendea, Antzin eta Egaibarrekoak, Garesko historikoak, ubidearen aurka lan egin zuten Lerin, Carcar eta Miranda Argako aktibistak, Erriberri, Mendigorria eta beste herri askotako nekazariak eta Erribera, Baztan eta Sakanako taldeak ere hor egotea nahi dugu.
Uraren inguruko aldarrikapen nagusiak Itoitz eta Esako urtegi handien aurkakoak dira?
Urtegi horiekin astakeria ikaragarriak egin dira eta egiten ari dira. Nueva Cultura del Agua fundazioko bi kidek, Jose Manuel Naredo ekonomistak eta Federico Aguilera Klink La Lagunako katedratikoak, megaproiektuei buruzko oso liburu interesgarria argitaratu zuten. "Esne saltzailearen ipuina" bezala definitzen dituzte. Edozein megaproiektu aurkeztean beti argudio berdinak erabiltzen dituzte, berdin AHT, autobideak, urtegiak edo aireportuak izan. Itoitzen 8.000 lanpostu sortu, bi edo hiru mila nekazari finkatu, Agoitz eta Artzibarrera turismoa erakarri, industria garatu eta gainera ur emari ekologikoa ziurtatuko zuela esan zuten, beste gauza askoren artean. Neurriz kanpoko zenbakiak erakusten dituzte beti, eta gero errealitatea horren erdiaren erdia dela ikusten da.
Argazkia: Dani Blanco.
Proiektu horien beharra azpimarratzen dutela ere esaten duzu.
Eskaerak hanpatu egiten dituzte edo asmatu: Itoitz oso beharrezkoa dela esaten zuten Iruñean, adibidez, 2000. urtean 50 hm3 ur kontsumituko genuelako. Eta ez da horrela: 2015ean 30,2 hm3 gastatu ditugu, duela 30 urte bezala, nahiz eta orain 350.000 biztanle inguru izan, orduan baino 50.000 gehiago. Estrategia horrekin segituz, eskaera handitzen duten bitartean, oso kostu apalak aurkezten dituzte, eta bukaeran beti izaten da esandakoa baino askoz ere garestiagoa. Egiazko beharra bada erdiaren erdia, prezioa da bikoitzaren bikoitza.
Kasu guztietan "ezinbesteko" eta "eztabaidatik kanpoko" zerbait bezala aurkezten dute proiektua. "Estrategikoa" eta "interes orokorrekoa" dela diote beti eta hori esanda erabakitzeko demokrazia ukatzen dute. Ezin da askatasunez eztabaidatu.
Iruñerriak ez du Itoizko ura behar?
Iruñerriak Itoiztik urtean 20 hm3 kontsumituko zuela esan zuten eta bi kontsumitzen ditu. Gainera, milioi bateko kanon izugarria ari da ordaintzen, ia urik kontsumitu gabe. Arteta eta Eugiko urarekin aski dugu. Itoizko urik gabe, gehienez jota abuztu gorrian noizbait geldi gintezke zenbait egunez lorategiak ureztatu gabe. Hori litzateke larriena. Beste aukerarik bilatu gabe Itoizko ura hartzea erabaki da.
Nekazariak ez al zeuden uraren zain irrikan?
Jende asko sartu zen ubidearen lehen fasean, bi aukera zeudelako: sartzea edo desjabetzea. Horietako batzuek oraindik ez dute ezta hoditeria sistema jarri ere lursailetan eta beste askotxok ez dute ubideko ura erabili, beharrik ez dutelako izan.
Bigarren fasean ikusiko dugu zenbatek nahi duten ubidetik ura hartu. Hasieran 20.000 hektareaz hitz egiten zuten, orain 15.000 edo 10.000, baina guk uste dugu 5.000 edo 6.000 hektarea baino ez direla sartuko. INTIA (Nafarroako Teknologia Institutua eta Nekazaritza Elikagaien Azpiegitura) lanean ari da eta txosten bat aurkeztuko die nekazariei dauden aukera eta prezio guztiak azalduz. Ubideaz gain dauden beste aukerak ere azalduko dizkiete eta haiek erabakiko dute. Oso txosten ona da eta informazio guztia ematea oso ongi dago.
Orduan, nork eta zertarako behar ditu urtegiak?
Garai batean interes orokorreko azpiegiturak ziren, populazioaren zati handi bat laborantzatik bizi zelako, baina gaur egun urtegi handiek eraikuntza enpresei eta etorkizunean urarekin negozioa egin nahi dutenei egiten diete mesede. Uraren merkatuak oso garrantzitsuak izanen dira etorkizunean.
Ura bildu, gero beste erkidegoei saltzeko?
Bai. Estatu mailan PSOEk Borrelekin ibai batzuetatik besteetara ura eramateko sare ikaragarria prestatu zuen, gero Zapaterok hankaz gora jarri zuena. Hala ere, aurrera doaz eta Acciona, Caixa, Agbar OHL… enpresa handiak dira negozioa egiteko prest daudenak. Honen aurrean guk uste dugu ura ibaian dagoela inon baino hobeki. Batzuek uste dute zenbat eta urtegi gehiago izan orduan eta ur gehiago dugula, eta hori ez da egia. Bizitzeko behar dena baino gehiago bilduz gero, berehala agertzen dira ur horren jabe egin nahi dutenak eta kontzesioak. Ondare publikoa pribatizatzen da, eta kontzesio horiek ezin dira gero kendu. Adibide bat: Ingurumen kontseilaria zenean Yolanda Barcinak Huarte familiari Argan, Garesen, elektrizitatea sortzeko hiru presa egiteko baimena eman zion, Nafarroako Unibertsitateak eginiko txosten bat oinarri hartuta. Lotsagarria eta adibide garbia ikusteko nola erosten diren txostenak. Argak bazuen berez garbitzeko aukera Etxauri eta Gares artean dauden ur jauzietan, baina zentralek eragozten dute. Ibaia ari dira izorratzen. Ura doan eman zaie, baina gero eskubidea berreskuratu nahi baduzu dirutza ikaragarria ordaindu behar diezu enpresa horiei.
Baina guk ez badugu hartzen, beherago norbaitek hartzen ahal du negozioa egiteko.
Ura ez da alferrik galtzen ibaian uzteagatik. Ura Mediterraneoraino iritsiko ez balitz, adibidez, hango hondartza guztiak desagertuko lirateke eta arrainak berdin. Ura ez da gurea, ibaiarena baizik, ekosistemarena. Guk ibaiaren funtzionamendu egokia ziurtatu behar dugu. Hori da etorkizunerako berme bakarra.
Urrezko arrautzen oiloaren ipuinaren antzekoa da. Nafarroa iparraldean euri asko egiten du eta hegoaldean gutxiago, baina izugarrizko ibai onak pasatzen dira: Aragón, Ega, Arga, Ebro… Erriberan ez dira inoiz ur eskasian izan. XII. mendetik ubideak egin dira eta beti egon da ur pila lursailak ureztatzeko. Gainera, badira akuifero ikaragarri handiak, denera 500 hm3-ko edukiera dutenak, Esako urtegiak bezainbeste, baina batzuk kutsatuta daude. CHEren arabera, Arga oso egoera txarrean dago eta Aragón ibaiarekin bat egitean hura ere kutsatzen du. Arakil eta Ultzama ibaiak ere oso kutsatuta datoz lantegietako eta ganadutegietako isurketengatik.
Akuiferoetako ura ezin da erabili?
Akuiferoetan oso ur ona zegoen edateko eta ureztatzeko, baina batzuk oso kutsatuta daude nekazaritzan erabiltzen diren nitrato eta herbizidekin. Ezin da inola ere edan. Urrezko arrautzen oiloa akabatu dugu eta orain kexu gara ezin dugulako edan eta eskatzen dugu Itoiztik bidaltzeko ura. Ura Europa osoan kutsatu da. Horregatik, 2000. urtean Uraren Arau Markoa onartu zuten uraren kalitatea ziurtatzeko asmoz. Legea ez zuten ekologistek egin, politikari eta ekonomistek baizik. Ibaiak eta akuiferoak suntsitzea ez da errentagarria. Gu "zero kilometro"ren filosofiaren aldekoak gara. Gertu dagoen ura erabili eta egoera onean mantendu.
"Iruñerriak Itoiztik urtean 20 hm3 kontsumituko zuela esan zuten eta bi kontsumitzen ditu". Argazkia: Dani Blanco.
Nola dago Nafarroako Ubidearen bigarren fasea abian jarriko duen proiektua?
Lur-azpiko tutua UPNk pentsatua zuen ubide erraldoia baino merkeagoa eta azkarragoa da, zalantzarik gabe, baina ikusi beharko da zer eskatzen duen jendeak. Gezurra da esatea Erriberan urik ez dagoela. Han aldarrikapen nagusia da edateko kalitatezko ura behar dutela, baina Erriberako lursailak oso ongi ureztatuta daude oro har Ebrotik hartzen den urarekin, Moncayotik datorrenarekin, Lodosako, Tausteko eta Ubide Inperialetik hartutako urarekin.
Cascante, Ablitas, Cintruénigo, Corella eta Monteagudo dira arazo gehien dutenak, baina nekazariak oso gutxi dira eta soluziobideak asko izan daitezke, ez soilik Itoiztik ura ekartzea. Azpiegiturak berrituta, gertuko ura baliatuta eta akuifero garbiak bilatuta ur asko lor liteke. Ubide berri bat egitea ez da soluziobide bakarra.
Canasa sozietate publikoa urak arrastoan ezin sartu dabil?
Gargantua eta Pantagruel ipuinean bezala, Canasa munstro ase ezin bat da eta bizirik irauteko bezero berriak lortzeko beharra du. Orain arte 1.700-1.800 milioi euro gastatu dira Itoizko urtegian eta ubidearen lehen fasean. Zati bat Estatuak ordaindu du eta bestea Nafarroak. Horri gehitu behar zaio itzalpeko bidesariarena: 1.000 milioi euro hemendik 30 urtera.
Canasa elkartea da hori dena kudeatzen duena. %60 Estatuarena da eta %40 Nafarroarena. Esan zuten elkarteak ubidearen erdia ordainduko zuela eta beste erdia erabiltzaileek, alegia, zentral hidroelektrikoek, edateko eta ureztatzeko ura hartzen dutenek. Baina hiru hankek huts egin dute: Rajoyk energia berriztagarriei pizgarria kendu die, beraz zentraletatik espero zenaren erdia iritsi da; edateko ur kontsumoa jaitsi egin da Iruñerrian; eta nekazaritzarako uraren kontsumoa ez zen espero bezain bestekoa. Canasak pitzadura ikaragarriak ditu. Horregatik, Nafarroako Gobernuak 77 milioiko kreditua eman zion eta Madrili eskatu berri dio beste bat 115 milioikoa. Orain bezero berriak arrantzatu behar ditu Erriberan. | news |
argia-f540b13d3a85 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/sudmineren-meategi-proiektua.html | Lurraren alde, urre goseari oldartu zaizkio herritarrak | Jenofa Berhokoirigoin | 2017-03-05 | Lurraren alde, urre goseari oldartu zaizkio herritarrak
Lapurdiko hamaika herri hartuko lituzkeen urre meatze bat egiteko xedea du Frantziako Sudmine konpainiak. Berantenik apirilean jakinen da Frantziako Ekonomia ministroak baimena onartuko dion. 2015eko agorrilean ukan zuten egitasmoaren berri herritar eta hautetsiek; orduz geroztik zabalduz eta indartuz doa urre meategiaren kontrako mugimendua.
Artzamendi, Xoldokogaña, Suhalmendi, Mondarrain... Ongi ezagutzen ditu Lapurdiko mendiak meatzaritzan dabilen Sudmine enpresa frantsesak. Lurpeko zein azaleko deskribapen zehatza kausitu dezakegu haien dokumentu ofizialetan. Arrazoia? Urre gose, Sara eta Kanbo arteko eremuari so dagoelako.
2015ean 126 kilometro koadroko eremu batean urrea bilatzeko esklusibotasuna dakarren baimen eskaera luzatu zion Sudminek Frantziako Estatuari. Herritarren eta hautetsien artean berriak lehenik harridura sortu bazuen, laster haserreak eta arrangurak zuten gaina hartu. Egitasmoaren "zentzugabekeria" plazaratu zuten otsailaren 11n Ezpeletan eginiko manifestazioan: "Tona bat lur suntsiturik hiruzpalau urre gramorentzat. Xehatua izandako lurpe horretarik zer geldituko zaigu? Alde batetik zulo bat eta bestetik hondakinak; betiko galduriko eremuak, laborantzarako ezin baliaturikoak".
"Tona bat lur suntsiturik hiruzpalau urre gramorentzat. Lurpe horretarik zer geldituko zaigu? Zulo bat eta hondakinak"
Ainhoa, Kanbo, Ezpeleta, Jatsu, Haltsu, Itsasu, Larresoro, Senpere, Sara, Zuraide eta Uztaritze dira zuzenki hunkiak. Bertakoei egitasmoaren berririk eman gabe egin zuten baimen eskaera. "Nehor ez zen jakinean, maltzurki aritu ziren, ez zioten nehorri aipatu", dio Ezpeletako Belazkabieta etxaldeko Panpi Olaizola laborariak. Zeharka etorri zitzaien berria: Bretainiako Douar Didoull talde ekologistak eman zion horren berri ingurumenaren babesaren alde dabilen CADE elkarteari. Justuki, Bretainian ere gordean planteaturiko meategi proiektu batez hunkiak izanki, sektoreari arreta handiz begiratzen jarri zirelako.
Berantenik apirilean jakinen da Frantziako Ekonomia Ministerioaren erantzuna. Anartean, bertakoek beren iritzia entzunarazteko aukera zuten urtarrilaren 30etik otsailaren 17ra eginiko kontsulta publikoan. Fase horri dagokionez ere, enpresaren maltzurkeriak kexu jarri du Martine Bouchet CADE elkarteko kidea: "Kontsulta hor izatearen berri ez du eman Sudminek, ez guri, ez inori". Halarik ere, denbora murritz hori erabili dute kontrakotasuna plazaratzeko. "Presazko gaia" dela dio Bouchetek, bilaketarako baimenak ustiapenerakoa dakarrelako.
Ustiapena dakarren baimena
Ekonomia ministroak baietz esanez gero, esplotaziorako eskubidea luke enpresak. Frantziako meatze-kodeak dakar ahalmen hori. Finean, legedia meatze-industriaren alde doala deitoratu ohi dute Frantziako eta Ipar Euskal Herriko ekologistek.
Bilera publikoen, 4.400 izenpez gora bilduta dituen eskariaren, elkarretaratzeen eta manifestazioen bidez, aurkakotasuna karrikan da. Hautetsien esparrutik ere entzuten da ezezko biribila: meategi xedeaz hunkiriko herri guztietako auzapezak, Euskal Elkargoko lehendakaria, Akitania Berria eskualdeko kontseilua, hainbat parlamentari, Laborantza ministroa eta Ingurumen ministroa, guztiak dira kontra. "Aurka naiz, azpiz gora jarriko lituzkeelako gure ingurumena eta ekonomia", dio Sylviane Alaux diputatuak. Ekonomia ministroari hitzordu bat eskatu berri dio: "Zifren bidez hitz egin behar zaio Ekonomia ministroari. Kalkuluak egin ditut eta errango diot argiki: 763 lanpostu lirateke arriskuan".
Urre meatzeak ondorioztatuko lituzkeen kutsadura eta laborantza sektorearen kaltetzea dira haserrearen oinarrian. Kutsadura "ezin saihesturikoa" litzatekeela dio Martine Bouchetek. Lurra mugituz artseniko, mineral azido eta gisa bereko substantziak askatzen direlako. Estali gabeko meatzea izanki, euriaren ibilbideari jarraituz, lur eta uretan barna hedatuko litzateke kutsadura: "Meatzearen inguruko perimetro guztia da mehatxatua, lurpeko ur geruzak, Errobi eta Urdazuri ibaiak...".
Bestelako mezua plazaratu du Sudminek. "Tamaina txikiko" urre hobia litzateke, zeinean "egin-molde mekaniko sinple batzuei esker" urrea "errazki" eskuratzen ahalko litzatekeen, ingurumenaren gain "eragin ahula" ukanez. Guzti hori, egitasmo "erdi industrial eta parte-hartzaile" baten bidez segurtatuz.
Azpijokoak, irudia garbitzeko
Géoplusenvironnement ikerketa bulegoak egin txostenak ere segurtatzen du ura, airea eta ingurumenaren gaineko inpaktuak "oso ahulak" liratekeela. Baina independente gisa aurkezturiko bulego horren osaketari begiratuz gero, ohartu gaitezke zuzendari daukala Sudmine enpresako presidente ere baden Christian Vallier jauna.
Otsailaren 11n Ezpeletan egin zuten manifestazioa, urre meategi egitasmoaren "zentzugabekeria" plazaratzeko. Hautetsi ugari ere proiektuaren aurka agertu dira, bi ministro barne. (Arg.: Jean Louis Piquet)
Hiru fasek osaturiko bilaketa dute marrazturik. Lehen urtean, zulaketarik gabeko ikerketak eginen lituzkete (antzinako meategien azterketa, uraren ikerketa, eta abar). Emaitza positiboak ukanez gero, arroken ikerketa eginen lukete beste sei hilabetez, ondotik, urre aztarna interesgarriak kausitzekotan, azterketa zehatzagoak eta suntsikorragoak egiteko beste urte batez. Diotenez, lehen bi faseek ez dute inolako inpakturik ukanen ingurumenaren gain. "Gure hiztegiaz jabetu eta birmoldatu egin dute. Faltsukeria da, meategi batek hiru eta hamar urteren artean irauten du, ezin du iraunkorra izan, aldiz ondorioztatu hondakinek bai!", Martine Boucheten hitzetan.
Nahiz eta Sudminek erran bigarren mailako urrearen ustiapena izanen dela soilik –lurrean zein uretan diren urre jalkinak–, lehen mailakoak –arroken barnean direnak– ere izateaz beldur dira aurkariak. Hain zuzen, Sudmineren txosten ofizial batean ondokoa idatzirik dutelako: "Gerora, Sudminek baimenaren berritzea edota eremuaren zabaltzea galdetzen ahalko luke, lehen mailako urreari buruzko seinaleetan arreta jartzeko". Horrela balitz, ingurumenaren suntsiketa areagotuko litzateke, arroka barneko urrearen ustiapena askoz kutsakorragoa delako.
500 bat etxalde hunkituko ditu meategiak, horregatik laborantza sektoreko eragile andanak du desadostasuna adierazirik
Ehunka etxalde arriskuan
"Lurrak eta urak izorratzeaz gain, ingurumenaren errespetuan oinarrituriko irudia ere kaltetuko digute", dio haserre Panpi Olaizolak. Zenbaki zehatzik ez ukan arren, "ehunka, eta segur dena 500 bat etxalde" hunkituko ditu meategiak. Hori dela eta, laborantzaren sektoreko eragile andana batek du desadostasuna adierazirik: Ossau Irati sor-markaren egiturak, Ezpeletako Biperraren ekoizleen sindikatuak, Itsasuko gereziaren ekoizleek osatu Xapata elkarteak, Euskal Herriko Laborantza Ganberak, ELB sindikatuak, laborantza ekologikoaren alde dabilen Biharko Lurraren Elkarteak, Idoki sor-markak, eta abar. Ezpeletako Biperra sor-markarako balio duen kasik eremu guztia da meatzearen eremuan; orotara, 200 ekoizle. Tokiko ekonomiaren alor emankorra den produkzio horren "hondamena" litzatekeela diote.
Beste kezken artean dute lurren desjabetzea ere. Ikerketa faserako jabeen baimena behar badute, ustiaketarako ez. Hain zuzen, lur azpiak estatuarenak izanki, lurrak hartzen ahalko dituzte, jabeen adostasunik gabe.
Meategien sustapena
Egitasmo berri hori Frantziako Gobernuak finkatu helburuen artean kokatu behar dela dio Bouchetek. Hau da, 2012an aurkeztu zuen Arnaud Montebourg garaiko Ekonomia ministroak meatzeen ustiaketaren garapenaren beharra. 2016an Emmanuel Macron Ekonomia ministroak berretsi zuena: "Gure dependentzia txikitu nahi badugu, meatze-estrategia behar dugu; segurtapena daukat posible dela ingurumenari buruzko arauak errespetatuko dituen meatze-aktibitatea".
Ingurumenaren babesaren erronkarekin errimatzeko xedez, urtarrilean aurkeztu zuten meatze-kodearen erreforma Legebiltzarrean. Helburuarekin bat egin arren, begi txarrez ikusi dute ekologistek testu proposamena. Besteak beste, bilaketa egiteko esklusibotasuna dakarren baimenarekin ustiaketa eskubidea ia automatikoa delako kode berrian ere.
Azken urteetan urre bilaketarako hainbat baimen banatu ditu Frantziako Gobernuak. Alta, gaurko egunean ez da gehiago urre meatzerik, azkena 2004an hetsi zutelako. Salsigne herrian zegoen, Frantziako gune kutsaturikoenen artean sailkaturiko eremuan. | news |
argia-519029106a3a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/elizabeth-macklin-poeta.html | "Hemen badut euskarazko nire 'artxipelagoan' bizitzeko aukera" | Jabi Zabala | 2017-03-05 | "Hemen badut euskarazko nire 'artxipelagoan' bizitzeko aukera"
Kirmen Uriberen AEBetako sustatzaile eta itzultzaile moduan ezagutu genuen New York estatuko poeta euskalduna da Elizabeth Macklin. Estilo zuzenketak egiten ikasi eta horretan jardun zuen 1974tik 1999ra New Yorker aldizkarian. Egun freelance dabil, idazleentzat zuzentzaile eta itzultzaile lanean. Zoriak gurera ekarri zuen 1999an eta, geroztik, urtean bi aldiz etorri ohi da Bilbora.
New York estatuko upstate barnealdean sortu zinen, hiritik urrun.
Hiri handiarekin harreman gutxi izan nuen txikitan, eskolarekin txangoren bat bakarrik. Espainiar hizkuntza eta literatura ikasi nituen are urrunago dagoen Postdam herrian, eta 1972an Madrilen ibili nintzen ikasle. Egia esan, Madrilen ikasi nuen New York hirian bizitzen.
Poesiarekiko interesa gaztetatik garatu zenuen?
Garai hartan Lorcaren lana irakurria neukan, baina ez neukan poeta izateko asmorik. Lagunentzat eta familiarentzat idazten nituen poemak. Complutense unibertsitatean oso irakasle berezia izan genuen, Carlos Bousoño poeta. Estetika eskolak ematen zizkigun eta oso tipo bitxia zen, guardia zibilen gaineko Lorcaren poema deklamatzen zuen, irakasteko. Bere teoria poetikoan sistema logikoaren apurketaz ziharduen, gaztelaniazko "u" fonemak sekulako indar txarra zuela zioen eta nik oraindik sinesten dut hori. Behin Bousoñori nire olerki bat erakutsi nion eta beste gauza batean aritzeko esan zidan.
Euskaldunekin lehenengo harremana ere Madrilen izan zenuen.
Bai, unibertsitate garaian donostiar bat eta bilbotar bat ezagutu genituen, babestu gintuzten, patata tortilla egiten eta hiriko kaleetan euritakoarekin inor ofenditu gabe ibiltzen irakatsi ziguten… Euskal Herriko dohainak! "Eskerrik asko" esaten eta kantu batzuk ere irakatsi zizkiguten.
Euskal Herrira, baina, 1999an etorri zinen.
Amerikar poetentzat atzerrian urtebete igarotzeko dagoen Amy Lowell beka lortu nuen. Hasieran Machu Picchura joatea pentsatu nuen baina han gatazka zegoen eta Euskal Herria aukeratu nuen, hemen su-etena zegoela eta Guggenheim museoa zabaldu berria zela jakinda. Lehengusu txiki batek Obabakoak aholkatu zidan, ingelesez irakurri nuen. Ondoren, A man alone ere irakurri nuen, copyright orrialdera jo eta Gizona bere bakardadean zioela ikusi nuen. Esaldi hori itzuli nahian hiztegian galdu nintzen… Ikasi nuen "berekoi" hitza selfish dela hirugarren pertsonan –alaba bakarra naizenez nirekoia naiz– eta jakin-mina indartu zitzaidan.
Hona iritsi eta euskara ikasteari ekin zenion.
Bilboko Txakur kaleko euskaltegian izena eman eta ikasten hasi nintzen. Beka amaitu baino bi aste lehenago erlatiboa ikasi nuen eta errazagoa egin zitzaidan ondoren Internet bidez ikasten jarraitzea, e-postaz eta Santurtziko euskaltegikoekin harremanetan.
2002an Kirmen Uribe ezagutu zenuen.
Otsailean gertatu zen, zorte handia izan zen; Santurtziko euskaltegian nengoela, irakasle batek haren artikulu bat erakutsi zidan. Urtarrilean Egunkaria -n zutabea idazten zuen astero eta idazkera laua duenez, atsegin nuen, erraz irakurtzen nuen, hiztegian sarri begiratu beharrik gabe. AEKn zebilen haren arrebaren bidez egin nuen harremana eta hark postaz bidali zidan bere poesia New Yorkera. Beldurrak jota nengoen, euskarazko poesia itzultzeko gai izango ote nintzen... Raymond Carverri buruz idazten ari zela eta, saiatu nintzen poemak ingelesera ekartzen. Nire ingurukoei erakutsi eta gustatu zitzaizkien, Kirmeni ere bai. Abuztuan ezagutu genuen elkar aurrez aurre.
Beti etortzen zara otsailean eta abuztuan?
Otsail hartan, hain gustura egonda, ez nintzen agentziara joan eta iraungi egin zitzaidan itzultzeko bidaia. Agentziakoak, kalte-ordain moduan, 100 dolarren truke abuztuan joan-etorria egitea proposatu zidan. Geroztik hala egiten dut urtero: Santa Ageda eta Aste Nagusia. Hemen badut euskarazko nire artxipelagoan bizitzeko aukera.
2003an, ordea, zeuk jaso zenituen Kirmen eta lagunak.
Martxoan etorri ziren New Yorkera Kirmen eta musikari taldea. Irakurraldiak antolatu nituen sei bat tokitan: lehendabizi azalpenak ingelesez, jendeak jakiteko zer datorkien, eta gero emanaldia. Urte horretako abenduan Zaharregia, txikiegia agian atera zuten Durangoko azokarako eta testu guztiak itzuli nituen. Geroago, PEN Translation Fund-era Bitartean heldu eskutik liburuaren lagin bat bidali eta itzultzeko diru-laguntza eman zidaten.
Inoiz idatzi duzu euskarazko poemarik?
Bai, hizkuntza askotan New Yorki buruzko poemez osaturiko bilduma baterako nik euskaraz idatzitako bat argitaratu zen, eta Senpereko Hatsaren Poesia bildumarako urtero idatzi ohi dut poema bat.
Trumpen garaipenak kezkatuta zaude.
Hain da nazkantea, atzerakoia… Gutxiengoaren presidentea dela azpimarratu behar da. Gutxienez bi urte pasatu beharko dira hurrengo hauteskundeetan kongresua aldatu eta bera impeachment bidez kentzeko. Harrigarria egiten zait zenbat jendek parte hartu duen haren aurkako protestetan.
Nola azalduko zenuke haren garaipena?
Ez dut supremazista zurien eragina onartu nahi, baina bistakoa da bazeudela hirien eta landa guneen arteko tirabirak. Trumpek, telebistako celebrity -a zela, bazuen presidentegai ukitua. Anarkista zela esan zuen norbaitek, bai zera! Ikuspuntu distopikoa dut gai honetan, ez da txantxa. Ezikusiarena egin duten sektore asko jabetzen ari dira egoeraz; Trump lau urtez boterean egonez gero, fronte antifaxista bat osatuko dela uste dut. Hirietan ikasten ari gara gure ordezkari demokratekin harreman estuagoak izaten. | news |
argia-b42a86ec6b84 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/ezagutu-steve-bannon-trumpen-estrategia-eraiki-duen-gerrazalea.html | Ezagutu Steve Bannon, Trumpen estrategia eraiki duen gerrazalea | Pello Zubiria Kamino | 2017-03-05 | Ezagutu Steve Bannon, Trumpen estrategia eraiki duen gerrazalea
Donald Trump lehendakari berriak AEBak autokrazia bihurtu nahi ote ditu? Itxura hori eman du agintean daramatzan aste gutxietan. Orain arteko haren hitz eta erabakiak oso hurbiletik segitzen dituztenek garrantzia berezia eman diete Trumpek estrategia buru duen Steve Bannonek urteetan predikatutakoei. "Amerikako gizonik arriskutsuena" bataiatu dute.
2013ko azaroan Ronald Radosh historialariak bisitatu zuen Steve Bannon milioiduna Capiton Hilleko bere etxean. Garai hartan Bannon zen Beitbart webgune eskuin muturrekoaren burua, eta hasi zitzaion bisitariari: " Ni leninista naiz ". Historialaria, harrituta. "Leninek –jarraitu zuen– estatua suntsitu nahi zuen eta horixe da nire helburua ere, dena suntsitu, gaur eguneko establishment osoa". Esan nahi zuen, Alderdi Demokrata, hedabideak eta baita Alderdi Errepublikarra bera ere.
Radoshek elkarrizketa hura The Daily Beast hedabidean kontatu zuenean, Bannon oso hurbiletik ezagutzen zuten zenbait jendek xehetasun gehiago eman zituzten gizonaz. Luzaz Bannonen inguruan ibilitako Julia Jones zinema gidoilariak esaterako: "Steve oso militarista da, gerraz maiteminduta dago, kasik poesia balitz bezala (...) Grezia eta Erromaren garaietatik hasita ondorengo gerra eta guduak oro aztertu ditu. Ez du sekula amore ematen, sekula ez barkamenik eskatzen, inoiz ez erakusten ahulgunerik".
Anekdota esanguratsu horrekin zabaldu du Der Spiegel astekari alemaniarrak Donald Trumpen estrategaz bost kazetariren artean egindako potreta: " Trump and Bannon Pursue a Vision of Autocracy ". Trumpek hauteskundeak irabazirik, bere hurbileneko aholkulari izendatu zuen eta gero Segurtasun Nazionalerako Kontseiluaren kide ipini.
Bannonekin batera Trumpen hurbileneko aholkularitza Mike Flynn jeneralak egin zuen agintealdiaren lehen asteetan. Baina otsail hasieran Flynnek dimisioa aurkeztu behar izan duenean Errusiaren ordezkariekin izandako elkarrizketa batzuk prentsara iritsita, Bannon geratu da lehendakari berriaren hurbileneko estratega nagusi. "Trump lehendakaria –idatzi dute Der Spiegel en– jokatzen ari da justu Bannonek desio zuen moduan. Agintera iritsi delarik, destroyer [suntsitzaile] baten lana ari da egiten. Lehendakariaren karguaren duintasunak bost axola dio eta hura higatzeari ekin dio lehen egunetik, bere tweet zital eta joera lotsagabeekin".
Steve Bannon, 62 urte, gizon handikotea, Irlandatik iritsitako etorkin familia batean sortua da. Aita telefono konpainia batean aritu zen lanean. Stevek, Itsas Armadan ofizial aritu ostean, Goldman Sachs bankuan aurkitu zuen bidea aberastu eta hierarkian eskalatzeko: milioiak irabazi finantzetako bankari moduan, elitearen kide izatea lortu, eta ondoren... elitearen (ustez) kontrako kanpainari ekin.
Eskuin muturraren propaganda tresna den Breitbart.com erosi zuen 2012an, bilakatuz Tea Party eta Alt-Righ mugimenduen bozeramaile. Gero, Trumpekin batera boterera iristeko abagunea ikusi zuen: "Bannonek behar zuen Trump bezalako norbait, eta Trumpek hura bezalako bat, hedabide berriak erabiltzen eta jendeak manipulatzen aditua den norbait", idatzi dute Der Spiegel en. Amerikar asko –eta mundu osotik inperio nagusikoak arretaz jarraitzen dituzten beste asko– Bannonek hartutako indarrarekin ohartu dira zein urrun iritsi den AEBetako eskuin muturra hamarkada hauetan pazientziaz eraikitzen joan den pentsamendu nazionalista, gerrazale eta supremazista.
Ditxosozko 'Laugarren Bihurgunea'
Bannonen ideien jatorri eta iturri intelektualak The Huffington Post hedabidean azaldu berri dituzte Paul Blumenthal eta JM Rieger kazetariek: " Steve Bannonek sinesten du Apokalipsia badatorrela eta gerra saihestezina dela " . Ongi dokumentatutako kronika aberastu dute Bannonek urteotan batean eta bestean emandako elkarrizketa eta hitzaldien pasarteen bideoarekin.
William Strauss eta Neil Howe historialari integristen jarraitzaile sutsua da. Biek elkarrekin plazaratu zuten Generations 1991n, defendituz historia errepikatzen dela lau ziklotan, ziklo bakoitza 80-100 urtekoa, eta AEBak sartuta daudela laugarren zikloaren azken akaberan.
1997an argitaratu zuten The Fourth Turning [Laugarren bihurgunea] luzeago azalduz ziklo amaieraren ezaugarri apokaliptikoak. Belaunaldi zaharretik atera behar omen zuen –idatzi zuten orduan– belaunaldi gazte heroikoaren buruzagitza hartuko zuen liderra, The Grey Champion , agintea berdin hauteskundez edo krisi bidez lortu ostean ordena berri bat eraikiko omen zuena.
Bannonen ikuskeran, AEBak gerra existentzial batean daude sartuta, gatazka horrek bilduz gainerako osagai guztiak. "Datozen 10-20 urteko epean, une jakin batean aurre egin beharko diogu krisi horri, zeinetan erabakiko den edo geu izaten jarraitu ala AEBak bilakatu zerbait arras diferente". Hil ala bizitzea dagoenez jokoan, ez da izan behar beldurrik itunak hausteko, etsaiak beren izenez salatzeko, kultura aldatzeko. Laugarren Bihurgunean sartuta gaude eta lider mesianikoa, The Grey Champion , agertu da. Apokalipsia orain da, omen beti ere.
The Huffington Post eko kazetariek ezaugarri horixe azpimarratu dute Bannonengan: Apocalipstic , Apokalipsizalea. Behin eta berriro mintzatu da Lau Bihurguneez bere hitzaldietan. Aurreko hirurak lirateke Ipar Amerikako Iraultza [independentzia gerra], Gerra Zibila eta 1929ko krisia gehi II. Mundu Gerra. Gerra bat beti aurrekoa baino handiagoa. Orain sartuta gauden Laugarren Bihurgune handiaren amaierako krisian, iradokitzen duenez Bannonek, espero behar dugu gutxienez aurrekoa bezain gerra bortitza.
Strauss eta Howek idatzi zuten duela 20 urte: "Erregimen berriak agintea hartuko du krisiaren lidergoan. Ez dio axola liderraren ideologiak, garrantzitsuena da Estatuaren agintea indartzeko jendeei sakrifizioa eskatuko diela. Lehen liderrek joera baldin bazuten gizartearen barne tira-birak baretzeko, orain barne tirabirak larriagotzen saiatuko dira horrela nazioa ernarazteko". Disidentziaren eta gutxiengoen kontrako zanpaketa iragartzeko modu garbiagorik ba ote?
Erraza da aurkitzea Strauss eta Howen ideiak historia ez baina sasi-zientzia dela demostratuko duten historiagileak. Bannonenak aurreikuspenak baino manipulazioak direla. Zer axola dio, ordea, eskrupulurik gabeko demagogoak prest badaude deiok saltzeko eta krisiak pobretu eta larritutako milioika jende baldin badago horiek erosteko irrikaz? Bannoni funtzionatzen dio.
Mendebalde judeo-kristaua hondoratzen ari omen da. Gaina hartzen ari omen zaizkio Islama batetik eta Txina bestetik. "Harro datoz, indarrean datoz. Islamaren kontra 100 urteko gerran sartuta gaude. Txinaren kontra gerra izango dugu bost edo 10 urte barru". 2011n esana: "Garai ilunak nozituko ditugu AEBetan berriro eguna argitu aurretik. Mingarria izango da, besterik dioena gezurretan ari zaizue". | news |
argia-a046ac723d4a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2544/euskarazko-haur-eskolak-bertan-behera-uzteko-sententziari-helegitea-jarriko-dio-iruneko-udalak.html | Euskarazko haur eskolak bertan behera uzteko sententziari helegitea jarriko dio Iru�eko Udalak | Euskalerria irratia | 2017-02-23 | Euskarazko haur eskolak bertan behera uzteko sententziari helegitea jarriko dio Iru�eko Udalak
Donibane eta Printzearen Harresi haur eskoletan euskara eskaintzea ez dela udal eskumena esan du Iruñeko Administrazio Auzietarako 2. epaitegiak. Eskaintza bera ez dagoela arriskuan jakinarazi du baina Asiron alkateak.
Iruñeko haur eskolen euskarazko eskaintzak bertan behera uzteko agindu du Iruñeko Administrazio Auzietarako 2. epaitegiak, guraso batzuek aurkeztutako helegitea aintzat hartuz, baina Iruñeko udalak helegitea aurkeztuko du.
Haur eskolak ez direla udal eskumena dio sententziak, baizik eta Nafarroako Gobernuarena. Joseba Asiron alkateak, berriz, azpimarratu du unitate aldaketa edota izendapen aldaketa egotekotan baizik ez duela behar udalak Gobernuaren baimena, eta kasu honetan, halakorik ez dela izan. "Sententziak dio aldatu dugula gure eskaintza eta hori ez da egia", esan du Asironek.
Borondatezkoa, ez derrigorrezkoa
0 eta 3 urte arteko zerbitzua derrigorrezkoa ez dela gogorarazi du, halaber, Iruñeko Udalak eta nahi duelako eskaintzen duela, "borondatez". Hala, sententziak "udal autonomia printzipioa" urratzen duelakoan dago alkatea: "Teorikoki behintzat –haur eskola zerbitzua– ez emateko aukera ere badugu".
"Lasaitasuna". Hori da familiei helarazi nahi izan dien mezua alkateak, heldu den urteko matrikulan aldaketarik ez dela egonen esanez eta oroitaraziz sententzia ez dela betearazlea errekurtsoa aurkeztekotan. "Seme alaben eskubideak bermatuta daude; jarraituko dute berdin".
Kalte ordainak
Ez da litekeena, baina epaitegiek errekurtsoa tramitera onartuko ez balute ere, galeren ordaina eman beharko lieke Udalak kaltetuak izan direla froga dezaketen gurasoei. Beste aldaketarik ez legoke. Haur eskoletako euskarazko eredua ez dago arriskuan, ondorioz.
Euskalgintza, kalera
Mobilizazioara deitu du Iruñeko euskalgintzak eta ostegun arratsaldean "agerraldi masiboa" egin dute Udaletxe plazan.
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra. | news |
argia-a534bcbb7a76 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/stay.html | Stay | Itxaro Borda | 2014-12-21 | Stay
Interstellar filmak naturaren, janariaren, gorputzen eta burumuinaren kutsatzaile amorratuenen fantasmak biltzen ditu: guztia kakaztua izan daitekeenean plan A handiosaren arabera, galaxia garbiago eta abegikorrago batera joaten ahalko dira abilenak –dirudunenak alabaina– den-dena zerotik berriz hastera. Planeta urdina higatzeko eta iparraldeko edozein zabortegitara botatzeko egina da amerikarren iritziz. Bost dimentsiotako eremu-denboraren pleguetan ezkutatzen dira, mendebaldeko ustiatzaile barkaezinen eredu falangatsua salbatzea desio duten haiek – they ...– baina ametsak lukainketakoak baino ez dira, bereziki kasu honetan.
Zinetik ateratzean galderak ditut: ba dea zizare zuloen mugetako izartegi ugari horietan gizon-emazte andeatzaile eta gorotzatzaileon humanitatea aterpetzea onartuko luken lur borobil bakarrik? Etorkizunaz axolatzen ez diren jende belaunaldiek –future childs...– merezi dutea berdin zitzikatuko dituzten lekuetara oneziaz eramanak izatea? Zeren izenean aurpegirik gabeko nortasun malguak gutaz, euskaldunotaz barne, urrikalduko litezke?
Lurra da gure (zar)ama... | news |
argia-4e1049409358 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/eskandalagarria.html | Eskandalagarria | Jon Alonso | 2014-12-21 | Eskandalagarria
Hogeita hamar bat urte joan dira, Sadarrera hamabostean behin jaisten ginen, Alzateren indiarrak ikustera. Ezizena norbaiti gogoratu, bidea egin zuen: trumilka eta lasterka agertzen zirelako, alde guztietatik.
Osasuna hartaz harro geunden. Etxeberriak ikusarazten zigun hirugarren mailatik lehen mailarako jauzia ez zela horrenbestekoa, saiatuz gero; Martinek baloia ezkerretik gidatzen zuen bakoitzean zerbait gertatuko zela bagenekien, Irigibel koloreen alde aurpegia apurtzeko prest zegoelakoa, metafora erraz bat baino gehiago zen, Artetxek, Atlético de Madrideko harakin famatu hark, sudurra apurtu zionean bezala, aldez aurretik gaztigu eginda, gainera. Clemente Iriarte, beste dimentsio bateko jokalaria, guk ordura arte bertatik bertara sekula ikusi ez bezalakoa, Von Karajan baino zuzendari hobea.
Osasuna hura mitikoa zen.
Orduan ere futbola negozioa zen, herriaren opioa zen... Orduko futbolak bazeukan zerbait, baina; besterik ez bada, batek astegun buruzuri batez kaletik ibili eta han ikusten zituen jokalariak, xalo-xalo, mundu guztia zebilen tokietan, beste edozein herritar bezala, ospetsuak izan arren; dirua irabazten zuten, baina ez hainbeste ere; taldearekiko atxikimendua gertutasun horretatik sortzen zen. Zorra? Zer zen hori?
Gero hasi ziren mertzenarioak agertzen –jokalariak, bitartekariak, entrenatzaileak...– onak, ez hain onak eta txarrak. Futbolean dena hasi zen kakazten, indarkeria gero eta handiago bihurtzen, arrazismoa gero eta nabarmenago izaten, betiko alderdi itsusiak areagotzen, balio onak apaltzen. Osasunan ere bai. Ezin zen ezer esan, ordea, automatikoki nafar gaiztoa izatera pasatu nahi ezean. Zorra gero eta handiagoa zen, baina aski zen telefono dei bat CANek mugarik gabea zirudien kreditua emateko. Eta horrela, 60 milioi euroko zorra pilatu arte. Eta inork horren ardurarik ez? Lotsagarria.
Nafarroako Parlamentuak Osasunaren zorra kitatzeko onetsi duen legea eskandalagarria da. Espanyol taldeak 43 milioi zor dizkio Espainiako Ogasunari, Atlético de Madridek zenbatekoa duen, ez dut uste artikulu honetan zifra sartzen zaidanik. Zer, lehen bankuak eta orain futbol taldeak erreskatatu beharko ditugu?
Eta oraindik penagarriagoak izan ziren entzun ziren argudio batzuk, legea onartzearen aldekoek emanda, aurka zeudenen kontra: irrazionalak, iruzurtiak eta gorroto eragingarriak.
Beharbada ez geunden hain oker Osasunaren mitoarekin, Nafarroarenarekin baizik. | news |
argia-72f98f4054a2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/ideia-zaharrak-errepikatuta.html | Ideia zaharrak errepikatuta! | Baleren Bakaikoa Azurmendi | 2014-12-21 | Ideia zaharrak errepikatuta!
G20 deritzon taldeak bere urteroko bilera nagusia egin berri du Australian. Brisbanen bildu ziren munduko herrialde aberatsenak eta horien artean Frantziako Estatua, sortzaile gisa; Espainiakoa gonbidatu iraunkor egin dute. Bilera hauetan estatu horietako lehendakariak, banku zentraletako buruzagiak eta ekonomia eta finantzetako ministroak elkartzen dira.
Bilera horietan aitorpen deigarriak egiten dira eta ondorioz burtsek gorabehera nabarigarriak izaten dituzte, espekulatzaileen onurarako, dirutzak prest edukitzen baitituzte mozkin oparoak eskuratu ahal izateko. Aitorpen azpimarragarri horiez gain, Brisbanen, 800 neurri ekonomiko (!) proposatu zituzten mundu ekonomia sustatzeko eta hazkunde bidean ipintzeko. Nire ustetan, neurri gehiegi. Hobe gutxiago eta borondate irmoagoa.
Neurri horien ondorioz, munduko ekonomia %ko 2,1 haziko omen da 2018ra bitartean eta hazkunde horren zaindari Nazioarteko Diru Funtsak eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakuntzak (ELGA/OCDE) gainbegiratuko dute. Oker ez banago, hazkunde tasa hori doitu dute behin eta berriro; izan ere, aurreko otsailean %ko 2tik %ko 1,8ra jaitsi zuten eta garbi geratu da ekonomiako aurreikuspenek gutxi irauten dutela gizarte zientzia deritzon diziplina horretan.
Ekonomia hobetzeko neurrien artean bi azpimarratuko nituzke: 1) ustelkeriaren aurka borrokatzea eta 2) multinazionalei jarduera ekonomikoa garatzen duten herrialdean zergak ordainaraztea. Biak ez dira hutsaren hurrengoak, baina bai nahiko utopikoak.
Tamalez, ustelkeria gure artean erabat txertatuta dago eta zer esanik ez garapen bidean dauden herrialdetan. Horri erantsi behar zaio droga, arma trafiko eta prostituzioaren inguruko ustelkeria, negozio borobilenak ezkutuko jarduera horietan baitaude, agintari politikoek bestaldera begiratzen duten bitartean. Negozio oparo horietan finantza erakundeek ere protagonismo berezia daukate dirua zuritzen.
Bestalde, multinazionalei zergak ordainaraztea jarduera ekonomikoa garatzen duten herrialdeetan, epe laburrean bederen, ez da batere erraza izango. Begi aurrean dugu gaur egungo EBko buruzagi nagusiak, Jean-Claude Juncker jaunak, egin zuena multinazionalek zerga gutxiago ordain zezaten. Hau da, EBen barnean jarduten zuten multinazionalei Luxenburgoko paradisu fiskala eskaini zien herrialde horretako gobernuburu zenean. Asteburu horretan Suitzak atzerritar aberatsentzat paradisu fiskala izaten jarraitzea erabaki du.
Espainiako Estatuan diharduten multinazional andanak Irlandan ordaintzen dituzte zergak mozkinen gaineko zerga apalagoak direlako. Hori bai, enpresaburu horiek gero esango digute zer egin behar den lanpostu berriak sortzeko, beraiek etengabe murrizten ari diren bitartean. Haatik, lan erraldoia izango da multinazionalak gizartearen interesen menpe ipini nahi badira.
Munduko azpiegiturak hobetu behar omen dituzte eta horretarako Azpiegituretako Gune Orokorra sortuko dute. Erakunde horren bidez merkataritza hobetu nahi da, batik bat elkartrukeak areagotu. Alta, badakigu, jakin ere, zer-nolako elkartruke eredua nahi diguten ezarri AEBk eta EBk Atlantiko gaineko Inbertsio eta Merkataritzaren Hitzarmena dela eta, edo bere Pazifiko aldeko bikia. Izan ere, lehia dela eta, osasun, ingurumen eta gizarte babesek behera egingo dute eta hamarkadetan erdietsitako ongizate estatua gehiago endekatuko zaigu.
Adi egon beharko dugu dagokion erantzuna emateko. | news |
argia-3e89aac24756 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/aurore-martin.html | "Politika abentura humano bat da enetzat" | Sustrai Colina | 2014-12-21 | "Politika abentura humano bat da enetzat"
"Ni noan herrian gauzak berez konplikatzen dira..." (Jose Luis Otamendi, Kapital Publikoa).
Zure abizena ez dela Etxegarai diozu usu.
Zergatik agertzen du jendeak interes eta harridura ene kasuarekiko, antzeko bizipenak biltzen dituzten afera anitz izanik bazterretan? Izen-abizenek zerikusia dute, agian. Ene gurasoak ez dira euskaraz mintzo, baina heientzat naturala zen gu ikastolan heztea. Aldi berean, ikastolan, Aurore [euskal ahoskeraz] deitzea ez zitzaidan batere gustatzen. Alabaina, euskal moldeko familia tradizional batetik ez jiteak ez du ibilbide atipikoa dudanik erran nahi. Gure belaunaldian ikastolan ikasteak euskararekiko atxikimendu azkarra suposatzen zuen, baina baita herrian ulertua eta erabat integratua ez izatea ere. Ikastolakoak beti susmagarri. Iparraldean, euskaraz ikastea urrats militante bat da oraindik. Ziburuko ikastolaren aferak argi erakusten du orain arte lortutakoak ez duela segurtamenik geroan. Horrek izaera markatzen du. Ni aski goiz hasi nintzen ene kabuz hautuak egiten. Gaztetxean hasi eta Gazteriak-en, Haikaren eta Segiren garaiak ezagutu nituen.
Eta 2003an Fleury-Merogiseko zeldako atea ixten entzun zenuen.
Bihurgune azkar bat izan zen ene ibilbidean. Ene eskualdeko afitxaketa eta bilkuratxoetan parte hartzen zuen militantea nintzen ordura arte: burua gazte eta bihotza festazale. Atxiloketa eta sarekada aro bat bizi genuen, aski manera arraroan heldu ziren enegana, eta ez abokatuak ez nik espero ez genuenean sartu ninduten preso. Kolpea izan zen, froga beharrik gabe ene xerka etorri zirela ulertarazi zidaten, eta eni gertatu zitzaidana edonori gertatzen ahal zaion sentsazioarekin atera nintzen kartzelatik. Militantzian murgiltzen zarelarik, komisariatik pasako zaren, poliziarekiko konfrontazioan nola moldatuko zaren, galdetzen diozu zure buruari, baina gertatu arte ez dakizu nola erreakzionatuko duzun. Ez dakizu injustizia sentimendu horrek bizimodu normalagora edo militantzia are engaiatuagora bultzatuko zaituen. Nik politikan buru-belarri sartzeko beharra sentitu nuen, Batasunatik eskua luzatu zidaten, eta ibilbide politikoa hasi nuen, ibilbide ttikia, baina izigarriko gogoz.
Ilegalizazio garaiak ziren, mahai nazionalak atxilotzen zituzten... Ez zen hauturik samurrena.
Batzuetan, sentitzen dudan haserreak inpultsiboki pizten nau eta holako hautuak egiten laguntzen dit. Banekien panorama zein zen, ez zait sekula gordea izan. Orduan, alta, ez nuen egun gertatzen ari denik irudikatuko. Gaztea nintzen, ilusioz betea, gauzak aldatzeko gosea nuen, ene neurrian historiaren parte nintzela iruditzen zitzaidan. Herri asmatzailea gara eta egunero ari gara gure historia eraikitzen. Hala, naturalki sentitzen duzu historia horren parte izateko nahia. Ez da fama kontua, behar eta gogo pertsonala baizik. Horregatik diot bidean atzematen dituzunek marrazten dizutela bidea. Jakina badela proiektu politiko bat, borroka bat, aldarrikapenak... Baina batez ere, politika abentura humano bat da enetzat.
Nola izan liteke proiektu politiko bat legala Arnegin eta ilegala Luzaiden?
Sinesgaitza da. Iparraldean legala zen alderdi politiko batean engaiatu nintzen ni. Horrek EH Bairen hastapenetan parte hartzeko parada eman zidan, mahai nazionaletako bilkuretan egotekoa. Egia erran, biziki herabea naiz, eta uste dut lehen bi urteetan ez nuela hitzik egin. Baina banuen ardura bat, horrek abenturak ekartzen zizkidan, eta abenturaro ezagutzen nuen jende berria. Hegoaldean agerraldiak eginez kolpatu nazaten makila luzatzen ari nintzela iradokitzen zidatenean, arazoa agerraldi horiei uko egiteak sortzen zuela iruditzen zitzaidan eni. Zergatik ez nintzen Hegoaldean jende aitzinean Batasunako kide bezala agertuko Iparraldean agertzen banintzen? Jakina banekiela ilegala zela, baina gertatzen ari zena salatzeko gure manera zen. Besterik gabe, inposatutakoa onartu behar genuen? Ez gaitezen engaina, eskandalua ez zen guk prentsaurrekoa ematea, alderdi politiko batek prentsaurreko bat ezin ematea baizik.
Pentsatzen zenuen, 2010ean, euroagindu bat iritsi eta Frantziak bere "herritar" bat Espainiaratu zezakeela?
Ilegalizazio garaian denetik ikusiak ginen, bagenekien prozedura bat martxan zela, kontu korronte zenbait blokeatuak... Sentsazio bat, giro bat, bazen. Pintada zahar bati loturiko ADN kontu baten aitzakian polizia etxera deiturik aplikatu zidaten euroagindua. Hastapenean, ez nuen deus ulertzen, dossierra makurra zen, zeuden aurrekariak ikusita Espainiaratzea kosta behar zitzaiela sinetsita nengoen. Baina auzi tartean kartzelaratu nindutelarik usain txarra hartu nion, eta azken mementora arte esperantza atxiki banuen ere, banekien Madrilen nahi nindutela.
Horregatik hartu zenuen, helegite guziak agorturik, gordetzeko deliberoa?
Oso bero nintzen, pizten nauen ene baitako haserre inpultsibo horrek bizi ninduen, eta garbi nuen ez nintzela deitzen ninduten lekura ene kabuz aurkeztuko. Halaber, hautetsi zenbait etorri zitzaizkidan egiten nuena egiten nuela babestuko nindutela erranez, eta beste batzuek argiki eskaini zidaten: "Ez joan, etxean hartuko zaitugu". Giro berezi bat bazen, egoerari erantzuteko prestutasun handia, baina ez nituen denborak eta ondorioak zehazki neurtzen. Nik ihes egin nahi nuen. Atxiloketa manua ateratzean, nire aurpegia ikusi nuen France 3ko berri sailean, eta "orain da momentua" konprenitu nuen. Gero, behin gorderik, ez nuen deus ulertzen, ez nintzen olatuaren dimentsioaz jabetzen. Nengoen lekuaren arabera, ez nuen baitezpada prentsari lotzeko aukerarik, ez nuen beti telebistarik, zaila zitzaidan gertatzen ari zenarekiko begirada atxikitzea. Bitxia da, uste dut aferaren zinezko dimentsioa Madrilgo presoaldian hartu dudala, askoz berantago. Hilabete eta erdiz, Frantzia osotik iritsitako ezezagunen 200 gutunetik gora jaso ditut. Hor konprenitu dut zerbait gertatu zela. Hor ulertu dut erabaki ona izan zela jende bati konfiantza osoz ene afera kudeatu eta baliatzeko baimena ematea. Gordetzen zarenean, ez zaude, ezin duzu deus egin, irudi bat baizik ez zara.
Madrilera eramatea kosta zitzaien, alta. 2011ko ekainaren 18an itzuli zinen bizitza publikora Miarritzen. Ekainaren 21ean, zu atxilotzen saiatu baina ez zuten lortu...
Hori filmetan bakarrik gertatzen da. Norbaitek erran izan balit goiz hartan hori gertatuko zela ez nuen sinetsiko. Bezperan nahita ibili nintzen Baionako karriketan, nahita ez nintzen nire etxera sartu, eta banekien zerbait pasako zela. Gainera, prentsaz inguratua nintzen uneoro. Aski nuen zango bat karrikan pausatzea argazkilariak hor izateko. Horrek biziki urduritzen ninduen. Presio handiagoa sentitzen nuen prentsaren partetik poliziarengandik baino. Egun hartan, alta, hitzordu bakarra nuen: Euskal Irratiekin elkarrizketa bat. Elkarrizketa egiten ari ginela sartu ziren, ez dakit zer dispositibo muntatu zutela entzuten nuen, ez dakit zer kale itxia zela, baina dena biziki erridikulua zen. Hori gutxi ez, eta suminduen kanpamendua zegoen handik bi urratsetara, eta ohartzerako sekulako jendetza zegoen gure inguruan. Fisikoki aski bortitza izan zen, baina izugarria izan zen nola atera nintzen pisu hartatik, nola egin nuen ihes Baionatik... Filmetan soilik gertatzen diren gauzak. Ez dakit polizia oso tontoa izan zen, edo nahita hutsegin ninduten, baina izigarria da ihes egitea posible dela sentitzea. Hori bai, fite konprenitu nuen sagua eta katuarena heldu zela. Ez nuena uste zen hainbeste iraunen zuenik. Banekien ene aurpegia komisaria guztietan zela, kontrol batzuk ni atxilotzeko intentzio osoz ezarriak zirela, Garazin autoz ibiltzean polizia gurutzatzen nuen, nire etxe aitzinetik erregularki pasatzen ziren... Aski argi nuen, behin bide juridikoa agorturik, goiz ala berant atxiloketa gertatuko zela. Ez nekiena zen, ez noiz, ez nola.
2012ko azaroaren 1ean atxilotu zintuzten, errepide kontrol batean. Ezkerra frantses gobernura heldu berria zen, bake prozesuaren lehen premisak argiak ziren,Iparraldean Herri Elkargoaren inguruko batasun anitza zegoen...
Eta ene atxiloketak hozka batez berotu zuen giroa. Espainiarekiko kooperazio akordioak betetzen direla erakusteko ez bada, zer zentzu zuen ni hor atxilotzeak? Bizitza arrunta egiten nuen, eta haien lekuan, aise lehenago edo aise berantago gauzatuko nuen atxiloketa. Ez dut uste afera hainbeste luzatzea haien alde zenik. Gertatzen dena da oraindik ez garela kontrapisu bat Frantziarentzat, eta hala ez gareno, Frantzia beti lerrokatuko dela Espainiarekin. Zentzu horretan, badakit ez ginela erabateko kontrapisu bilakatu baina segur naiz presondegitik atera banaiz presio sozial eta politikoengatik dela. Askotan ez dakigu halako prozesuetan zein den gizarte zibilaren papera, zer egin behar dugun egunerokotasunean, non eta nola eragin dezakegun, baina kontrapisu hori eraikitzeko tenorean esku guziak dira ongi etorriak, ez da alferrikako urratsik.
Esku guziak dira ongi etorriak, baina sozialistek eman zizuten atxikimendua eta sozialistek sartu zintuzten preso. Nola kudeatzen da hori pertsonalki?
Biziki zaila da. Batzuetan baliteke argazkia erraxegi ematea, baina hori ere gure ardura da, gure lana, eta guk argi izan behar dugu guk ere nahi dugulako egiten dela argazki hori. Joko-arau biziki gogorra da, baina prozesu batean engaiatzen zarenean onartu beharrekoa. Afera ez da baitezpada bestea konprenitzea, baina bai bestearen lekuan jartzeko gai izatea. Horretarako gibelapena behar da eta hori ere izanen da bakea egitearen parte. Hemen denek ezagutzen dugu elkar, elkarrengandik gaizki esaka ibili gara, baina elkarri eskua eman beharko diogu. Hori gertatu zait eni. Etsaiekin da bakea egiten, etsaiarekin beharko da hitz egin, eta gaztetan zure bandoan ez diren guziak dira etsaiak, baina denborarekin zure auzokoa ezagutzen ikasten duzu eta ohartzen zara ez dela baitezpada etsai. Nik pertsonalki ez dut herrarik, ez dut deus nehoren aurka. Afera da humanoak garela gu ere, eta nik ez dakidala bost urteren buruan non eta nola izanen naizen, presoaldiaren eta kondena luze baten mehatxua hor dela...
Nola prestatzen da norbere burua Auzitegi Nazionalean horri aurre egiteko?
Alde batetik nahi dut epaiketa iristea. Badakit goiz ala berant hortik pasa beharko dugula, beraz zenbat eta goizago hainbat hobe. Hori da euskal afera gehienen arazoa: zure balizko delitutik epaiketara 10-15 urte pasatzen dira. Horrek prestaketa izugarria eskatzen du, autokonbentzimendu anitz. Ez da goxoa Auzitegi Nazionalera joatea. Badakit ni torturatik salbu naizela, baina badakit zer gertatu den murru horien artean, eta sentimendu hori beti dago hor. Alabaina, auzia etortzea nahi dut, politikoki eta pertsonalki beste zerbaitetara pasatzeko modu bakarra baita akusatuen aulkitik iragatea. Hori hala, borrokatzera goaz, baina ez dut ez dolurik ez herrarik orain delako. Gero, ohartzen naiz lehen aldia dela enetzat, baina ene kide batzuentzat auzi bat gehiago dela. Haluzinagarria zait zenbateraino normalizatzen ahal den muturreko egoera bat.
Zer erraten dizute etxekoek?
Ez da erraxa. Ulertua dute gaztetako inkontzientzia ez dela hain inkontzientea, oso pertsona errealista naizela, batzuetan gogorrak izanik ere egiten ditudan hautuak kontrastatuak eta neurtuak direla. Haiek ere arras hautu bereziak egin dituzte bizian. Ez da kasualitatea, heien alaba naiz. Herri honetan maila afektiboan bizi duguna izigarria da. Amak beti erraten dit, gauza bortitzak bizi baditugu ere, gure harremanak eta historia eraikitzen ari garela. Harro dira hortaz. Gero, badakit enea ez dela heien alabarentzat nahiko luketen bizia, baina hastapenetik bururaino sustengatzen naute. | news |
argia-ea418564d637 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/duela-1300-urteko-aztikeria-egiptoarrak.html | Duela 1.300 urteko aztikeria egiptoarrak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2014-12-21 | Duela 1.300 urteko aztikeria egiptoarrak
Koptoz idatzitako 1.300 urteko egiptoar eskuizkribua erosi zuen Australiako Macquarie unibertsitateak 1981ean, eta berriki bertako nahiz Sydneyko Unibertsitateko ikerlariek hogei orrialdeko liburuxkak dioena dezifratu dute.
Botere Erritualeko Egiptoar Gidaliburu bataiatu duten pergaminoak 27 sorginkeria, hainbat babes-erregu eta irudi mordoa biltzen ditu. Norbait maitemintzeko edo mendean hartzeko, negozioetan arrakasta izateko, espiritu gaiztoak uxatzeko eta zenbait gaixotasun sendatzeko konjuruak topa daitezke bertan, nahiko errazak gainera, eragina izango dutela bermatu ez arren.
Larumin beltza sendatzeko nahikoa omen da kumino beltza, piperminez eta ardoz egindako nahasketa edatea. Norbait mendean hartzeko, zailena biktimaren atzazalak lortzea da; atzazalak eskuratuta, ateburuaren alde banatan ipintzea nahikoa da. Eta norbaitengan desioa pizteko ere balio du ardoak, edan bitartean esaldi jakin bat botaz gero behintzat. | news |
argia-03cce5593f4b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/bizikletan-apatxe.html | Bizikletan apatx(e) | Joxerra Garzia | 2014-12-21 | Bizikletan apatx(e)
Aspaldiko partez, eta ustezko eguraldi txarrari esker, telebistaz bizpahiru western ikusteko aukera izan dut egunotan, txar amorratuak denak. Ezin hobeak, alegia, kanpoan giro ez denean geldikako bizikletan eguneroko kirol saioa etxean gozo-gozo egiteko. Ibilian, tximistaren pare pasatzen da bizikletaz ordu bete. Geldian, ordea, eternitate eta erdi pasatxo ematen du.
Gaur egun, hainbeste telebista katerekin, noiznahi dago, direnak direlarik ere eguna eta ordua, non edo han western bat aurkitzeko aukera. Zorionez, asko B sailekoak eskaintzen dituzte, paisaiak ez ezik aktoreak eta sentimentuak ere kartoikara izaten diren horietakoak. Asko eta askotarikoak dira horrelako filmen abantailak, baina hemen bi bakarrik aipatuko ditut, ari garenaren harira ez datozenak bazter utzita.
Batetik, hasi eta ordu betera harrapatuta ere, lehen fotogramatik igartzen diozu zer gertatuko den (nor hilko den, nor norekin ezkonduko...); albisteetakoaren aldean, mundu txukun eta ordenatua da filmotakoa, eta gainera txintxoek irabazten dute beti. Bestetik, dena hain kartoikara izanik, filma bera ari zaizu taigabe belarri ertzera gogoratzen fikzioa, itxura hutsa dela dena; horregatik dira eramangarriak, besteak beste, elkarrizketak, ukabilkadak eta tiroketak: ez dutelako benetakoak iruditzeko asmorik batere.
Telebistari begira ordu beteko saioa egiten baduzu, ordea, bestelako solas, eraso eta tiro batzuk ere jasan beharko dituzu, eta horiek bai, horiek beldurgarriak dira, bizikletari "arre" esan eta handik lauhazka bizian alde egiteko grina sortzeko modukoak. Tamalez, gaiztoaren zaldia baino geldoago da etxe barruko bizikleta: hari arre eta arren aritu arren, hantxe geldituko da, zirkinik egin gabe, eta zuk osorik irentsi beharko duzu "publizitate etenaldia" esaten dioten tiro festa.
Aurreko batean, 26 tiro kontatu nituen, filmaren etenaldi bakar batean. Bat saihestu arren, hurrena nondik etorriko zaizun ezin inola ere asmatu. Garbi dago zu zaituztela jomuga, zuketa zurian lotsagabe ari zaizkizu eta: zugana, zurekin, zuretzat, zure alde. Batzuetan, hala ere, zurekin ari ez balira bezala diharduten gazte txitxi-trinko batzuk agertzen dira, gizon zein emakume, gorputz jarrera grinatsu eta imintzio likitsak eginez, lurrin izen lurrintsuak xuxurlatzen dituztela euren artean, ingeles edo frantses maneratsuan, higuingarri. Asko dira horrelakoak: lurrinez lurrin eguberriak kirats bihurtzeko lain. Gainerakoetan, denetik dago: ume txikientzako kolonia ura, turroi magikoa, jostailu sofistikatuak, zimurren kontrako ukendua, hortzorde miresgarriro itsaskorra...
Eta, nola ez, hirugarren mundukoentzat laguntza eske larriak. Diodan etenean, hiru. Ez elkarren segidan, baizik eta lurrin-jostailu-turroi-hortzordeekin nahasi, harmonia latzean. Gainaz gaineko aberaskeria eta azpiaz azpiko miseria, dena bat. Miseriaren ikur diren umeek izen propioa dute (John, Henry... ). Hilean 10 edo 12 euro eskatzen zaigu haientzat hiru iragarkiotako bakoitzean; Henryren kasuan, lehen urtebetetzea azkena ere izan ez dezan.
Kolore Batuak eskaini ohi zituen markak Amets Batuak eskaintzen dizkigu orain. Ez dut uste John eta Henry bezalako haur goseen ezkur-ametsak dituenik gogoan, gurea bezalako herri aseen gezur-ametsak baizik.
Amaitu da iragarkien tartea, eta eskerrak: gauzak beren onera datoz berriz, eta zu bazoaz, gezurrezko ametsen pedalei eraginez, geldi, gezurrezko Happy End baterantz gozo-gozo. | news |
argia-3113508722fa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/iberdrola-endesa-eta-3400-milioi-euroko-lapurreta-itzela.html | Iberdrola, Endesa eta 3.400 milioi euroko lapurreta itzela | Pello Zubiria Kamino | 2014-12-21 | Iberdrola, Endesa eta 3.400 milioi euroko lapurreta itzela
Iberiar penintsulak azken urteotan ezagutu duen eskandalurik handiena ari da egosten: elektrizitate konpainia handienei 3.400 milioi euroko laguntzak eman ostean, horiek berreskuratzea "ahaztu" dute agintariek. Orain arteko iruzurrak txiki uzten dituen kopuru izugarri horrek lurrikara sortu beharko luke herritarren artean.
Nola neurtu 3.400 milioi euro? Onena izan liteke konparazioak egitea. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua datorren urterako, 10.639 milioi euro, Osakidetzarako 3.390, enplegu eta politika sozialetarako 1.064. Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontu propioa 1.570 milioi. Gipuzkoako Foru Aldundiarena 780 milioi euro. Kopuruokin alderatu ditzakegu Espainiako estatuak elektrizitate konpainia handiei barkatu dizkien 3.400 milioiak.
Zehazkiago esanda Espainiak korporazioei kobratu gabe oparitutako 3.393 milioi horietatik 1.562 Endesari dagozkio eta 1.159 milioi Euskal Autonomia Elkarteak bere enpresa ikurretako bat bezala aurkezten duen Iberdrolari. Kopuru txikiagoak bereganatu dituzte Viesgo (432), Fenosa (276) Cantábrico (155) eta Elcogás (119) konpainiek. Nekez ukatuko du inork klase guztietako murrizketa eta miserien garaiotan administrazio publikoek galdutako milioi horiek izan beharko luketela herritarren arteko kezka iturri nagusietakoa.
Baina nola galdu liteke 3.393 kilo euro? Jose Afonso kantari portugesak Coro dos Tribunais abestian laburbildutako formularekin: " Guarda o teu roubo, guarda-o bem / Dentro de um papel a lei ": "Gorde ondo ostu duzuna, gorde ondo / Lege agiri baten barruan". Lege batean oinarrituta Espainiako oligarkiak egindako lapurretaren kronika da Plataforma por un Nuevo Modelo Energético elkarteak argitara atera duena.
Espainiako establishment aren egunkari nagusia den El Paísek titulu hau zekarren azaroaren 16an: " La Fiscalía investiga a Industria por perdonar 3.000 millones a eléctricas ". Kronikan azaldu zuen Rodríguez Zapatero lehendakari zela 2007tik 2010era bitartean gobernuan aritutako zenbait goi kargu galdezkatu dituela ustelkeriaren kontrako fiskalak, "argitzeko ea PSOEren gobernuak konpainia elektrikoei barkatu zien 2.500 eta 3.500 milioi euro arteko zorra".
Lehen salaketa 2013ko uztailean aurkeztu zuen energia berriztagarrietara igarotzeko trantsizioa aldarrikatzen duen erakunde batek, ekologiaren eta justiziaren aldeko pertsonalitate eta mugimenduak biltzen dituen Plataforma por un Nuevo Modelo Energético elkarteak. Bigarren salaketa aurkeztu zuen aurrekoaren osagarri, diru publikoen iruzurra ikertzea eskatuz. Antza denez, ustelkeriaren kontrako fiskaltza derrigortuta aurkitu da gaia ezagutu behar zuten zenbait goi karguri deklarazioa hartzera, oraingoz lekuko gisa soilik.
1997an hasi zen kontua. Argindar zerbitzua osorik liberalizatu zelarik, konpainiek egindako inbertsioak arintzeko Jose María Aznarren gobernuak, ministro zelarik Josep Maria Piqué, megawatio bakoitzeko 36 euro oparitu zizkien. Zenbait eztabaida eta gorabeheraren ostean –oposizioan zegoen PSOEren kontrako botoarekin– laguntza publikoa 8.600 milioi eurotan geratu zen (1,441 bilioi pezeta orduan). Konpainiak hasi ziren laguntza hori bezeroei kobratzen hileroko fakturan, herritar guztiei alegia. Costes de Transición a la Competencia (CTC) deitzen zitzaion propinatxoari.
Kobratzeko epearen mahuka
2005erako, ordea, argindarra asko garestitua zen, petrolioaren eta gasaren igoeragatik, eta konpainiak aurreikusitakoa baino gehiago ari ziren irabazten. 2006ko ekainean gobernuak eten zien CTCen ordainketa. Jose Montilla zen –laster Generalitateko president izango zena– Industriako ministro.
CTCak eten bai... baina ordura arte konpainiei gehiegiz pagatu zitzaiena itzultzeko eskatzea ahaztu zuen administrazioak. Orain fiskala galdezka hasi denean badirudi goi karguei ez zitzaiela erabat ahaztu zorra erreklamatzea baina kobraketa lanak patxada handiz egin zituztela. Patxada susmagarriz, kontutan edukiz azkenerako iraungi egin zela legez kobratzeko epea.
Montillarekin Energia zuzendari zen Ignasi Nieto gogoratzen da garbiki gehiegi kobratu zutela Iberdrolak, Endesak eta enparauek, liberalizazioa aprobetxatzeko goregitik egin zituztela kalkuluak. Ekologistek aipatu dituzten zifrak berretsi ditu gainera, eta dio goi teknikariei –Estatu abokatuei– 2006an eskatu ziela zer egin erabakitzeko informea. Txostena atzeratu zen... 2008ko martxoa arte. Funtzionariook ohartarazten zuen konpainiei zorra kobratzeko epea 2006an hasi zela eta 2010ean iraungiko zela.
Ministro bat joan eta bestea etorri, Montillaren ondoren Joan Clos, gero Miguel Sebastián... 2010 urtea pasatu zen eta agur kontsumitzaileek korporazioei pagatutako gehiegizko 3.493 milioi euroak.
Nuevo Modelo Energético plataformako eledun Cote Romerok esan du: "Espainian ez da hau adinako iruzurrik gertatu sekula". Handiak izanagatik askoz txikiagoak diren iruzurrek zalaparta handiagoa sortu dute: Urdangarin 16 milioi, Pujol 32, Palma-Arena 42, Barcenas-Gürtel 120, Marbella 500, Andaluziako EREak 721... Lekutan daude Iberdrola, Endesa eta beste lauak 3.393rekin.
Gaia Europako Legebiltzarrera ere eramanik, Argiako irakurleek ezaguna duten Florent Marcellesi gidari ekologistak salatu du argindar zerbitzuaren liberalizazioa abiatu zenetik agintari politikoek babestu dituztela oligopolioan ari diren enpresa handien interesak. "CTCena ez da iruzur elektrikoa den icebergaren pikoa baizik. Sartuta gauden krisi sistemikotik atera nahi baldin badugu, derrigorrez egin behar dugu energiazko trantsizioa, energi iturriak demokratizatuz eta ate birakariak behingoz suntsituz".
Ate birakariak ( revolving doors ingelesez) deitzen zaie agintari handiek beren jardunean politikatik enpresa handietara eta alderantziz, enpresa handietatik goi karguetara, egiten dituzten jauziei. Aipatzen dugun kasuan, korporazio elektrikoak eta oro har energiari lotutakoak ezagunak dira agintari politikoak fitxatzeko daukaten ohituragatik. Tartean presidenteak, ministroak, sailburuak eta klase guztietako goi karguak, begiratu besterik ez dago Iberdrola, Repsol, Enagas, Gas Natural, Endesa, Gamesa, eta abarren administrazio kontseiluetan.
CTCena bezalako iruzurrekin lortutako inpunitateaz harrotuta, lapurreta berrien albisteak ugaritzen doaz geroztik. Tarragonan (Katalunia), Ebroren bokalean Castor hobian gasa metatzeko baimena lortu zuen ACSk (Real Madrideko Florentino Perez buru) ikusi denean hori ezinezkoa dela inguruetan lurrikarak eragiten dituelako, kalteordainetan Estatuari kobratu nahi dizkio... 1.350 milioi euro.
Bitartean, Javier Marotok Gasteizen jendeak berotzen ditu gure artera deus gabe iritsitako etorkinen kontra. | news |
argia-a57da2922b55 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/atxikimendu-handia-dut-hitzarekiko-niretzat-nola-esan-inportantea-da.html | "Atxikimendu handia dut hitzarekiko, niretzat nola esan inportantea da" | Myriam Garzia | 2014-12-21 | "Atxikimendu handia dut hitzarekiko, niretzat nola esan inportantea da"
Durangoko Azokaren harira aurkeztu du lan berria, Lurrean Etzanda (Elkar), bere ibilbide musikaleko hamaseigarrena. Ruper Ordorikak ohikoa du estudioan zuzenean grabatzea, musikari guztiak batera alegia, eta tresneria analogikoa erabilita. Oraingoan, Kenny Wollesen (bateria), Simon Edwards (baxua) eta Leo Abrahams (gitarra) izan ditu lagun. Hitzak bereak dira, Dionisio Cañas poetaren testu bati eginiko moldaketa izan ezik.
Nolakoa izan da Lurrean Etzanda disko berriaren sormen lana?
Orain, Gasteizen bizi naizela, ohitura on bati heldu diot, eta noizean behin mugalari ohi batekin elkartzen naiz, Alberto de la Casarekin. Nire sparring pertsonala da, gogor jarduten dut berarekin. Abestiak erakusten dizkiot, elkarrekin jotzen ditugu... Albertori asko zor diote abestiok. Azukre Koxkorrak (Elkar, 2013) diskoarekin luze aritu gara biran, bitartean, gitarraz bakarrik sortu ditut abestitxo hauek.
Nazioarteko musikari profesionalak erakarri dituzu Elkar estudioetako saioetara.
Ez nekien aurten edo datorren urtean aterako ote nuen diskoa, baina aurreko jazzaldian John Zorn saxo-jotzailearekin etorri zen Kenny Wollosen bateria-jotzailea. Oso laguna dut Kenny, zazpigarren diskoa dut berarekin. Aipatu zidan Leo Abrahams gitarra-jotzailea (Brian Eno, Roxy Music, Blür) ezagutu zuela eta zerbait ikusi zion, nitaz gogoratzen omen baitzen hura entzuten zuen bakoitzean. Eta nik ideia hura gorde nuen. Diskoa egitekoa nintzela, Kennyrekin jarri nintzen harremanetan, eta Leogatik galdetu nion, ea interesaturik egongo ote zen. Bestetik, Simon Edwards baxu-jotzailea eta kontrabaxu-jotzailea ekarri dugu gurera. Zailena elkartzeko egunak aurkitzea izan da, musikari hauek bira askotan eta jende askorekin egiten baitute lan. Kantuok haiengana jotzea eskatu didate diskoa egiteko orduan.
Beste sonoritate batzuk bilatze aldera?
Dagoeneko, disko asko egin ditut formazio desberdinekin... Pauso bat aurrera eman nahi nuen.
Elkarreko estudioetan, denak batera joz eta tresneria analogikoa erabilita grabatu duzue diskoa, ohikoa duzunez. Diskoari bizitasuna emateko?
Musikan ez dago araudirik. Bada tresna bakoitza banan-banan grabatzen duenik, eta bizitasun handia lortzen duenik. Nire kasuan, lehenesten dut zuzeneko metodo hori, maite dudalako horrela grabatzea. Kantak zehatz landu eta gero, denok batera interpretatzea, kantaokin jolastea eta arnas hori harrapatzea izaten da nire asmoa. Horrelako saioei ekiteko oso zehatza izan beharra duzu. Kantuak oso borobilduak, finduak, ondo pentsatuak, ondo idatziak behar diuzu eduki ordurako. Nire asmoa izaten da denak elkartu eta momentu hori harrapatzea zintan, eta orain Elkarren egin daitekeen zerbait da. Gero, Azkaraten Jonanekin [Ordorika] landu izan ditut ahotsak, recordingak eta nahasketak.
Hitzei dagokienez, azken diskoetan bezala, zuk zeuk eginak dira. Berritasuna, edertasuna edota memoria, berriro ere, agertzen dira hitzetan.
Betidanik gustuko izan ditudan gaiak landu ditut kantaotan. Gai ugari dago. Atxikimendu handia dut hitzarekiko, testua maite dut eta niretzat nola esan oso inportantea da. Hizkuntzak neurtzen eta behartzen du kantua. Gogoeta handiak egiten ditut kantuak izan behar duenaz, edota gure hizkuntzak zer onartzen duen, zein erritmotan diren aiseago. Beti dut gogoan entzule berezi bat, eta entzule horri zuzentzen natzaio. Entzule euskalduna dut gogoan, horregatik da niretzat inportantea nola esan. Hitzak ez dira ustekabekoak, kantuaren oinarri-oinarrian daude. Gure hizkuntzaren arnasak dituen joerak hartzen ditut kontuan, baina gero, hitz horiek ulertzen ez dituzten musikariekin elkartzen naiz diskoa egiteko. Hor dago musikaren indarra. Haratago zoaz, helburua berba eta doinua edo kanta izango litzateke, ahotsaren presentziarekin agian, hirugarren esparru batera heltzea, alor bat non kantuak gustura ibiltzen diren.
Dionisio Cañas idazlearen Zerutik gertu ez da ondo egoten poemaren moldaketa egin duzu.
Testu guztiak dira nik eginak, salbu eta moldaketa hori, eta poema horrek lotura handia du izenburuarekin. Dionisiok 35 urte eman ditu erbestean, eta orain jaioterrira itzuli da, La Manchara. New Yorken ezagutu nuen, eta oso gogoko ditut bere lan kritikoak eta poesia. Diskoa ontzen ari nintzela, Dionisioren Lugar deritzon poema-liburua berriro ikuskatzen hasi eta poema hori aurkitu nuen, eta kantatzeko beharra sentitu nuen. Bera oso kontent dago abestiarekin, baina esaten du harritzen dela, testu hau ikusten duelako lagun bati belarrira esatekoa bezala. Baina berak idatzi duen bezala, "nik ez dut zerutik gertu bizi nahi, hemen egon nahi dut lurrean etzanda". Hor kokatzen dut nire burua ere, lurrean etzanda, gure miseriak, heriotzaren berri, bizitza, alaitasuna, gorrotoa, lagunak, arerioak, zernahi entzuteko.
Hainbat generotan murgildu zara.
Disko anitza da, bai formalki baita interpretazioan ere, badu argitasuna eta freskotasuna, hurbiltasuna. Inoiz baino libreago sentitu naiz grabatzerakoan ere, poliki-poliki estudioko lana laketuz noa, hastapenetako grabatze beldurrak uxatu ditut, eta orain gero eta gusturago aritzen naiz, momentukoa zintan jasoz, zuzenketak alde batera utziz.
Ez dakit zerk desberdintzen duen disko hau aurrekoetatik, baina iruditzen zait kristalezko bolaren barruan dagoen muin hori ukitu dudala. Horrelakoetan sentipen handi bat duzu, pauso bat eman ote duzun barrurantz, disko honekin badut sentsazio hori.
Musikariek egindako ekarpenak zerikusirik izan du horrekin? Leo Abrahamsen gitarra, esaterako...
Badakizu, musikari britainiar handi hauek kolore-paleta handia dute eta ez dira beldur esperimentutan sartzeko, ez dute aurreiritziz jokatzen, hori oso gauza polita izan da. Bestetik, horrek asko eskatzen dizu, azken finean, zeuk atondu duzu kanta hori, nahitanahiez baduzu iritzirik kantuaz, baina zure burua utzi behar duzu, ea nora garamantzan horrek, eta gauza harrigarria da, batzuetan espero ez duzun tokietan zein ondo zauden.
Estiloen gainetik, abestia defendatu beharra dago? Sailkatzea kazetariok egiten dugun lana da agian?
Beti pentsatu dut kantua genero bat dela bere horretan. Estiloetatik edaten du baina oinarrian oso jatorrizkoa da. Kantu on bat, estilistikoki, era askotan interpretatu daiteke. Estiloak ez du goratzen kantua, baizik eta alderantziz.
Kantu borobilaren bila aritzen zara?
Ez dakit, niretzat kantu ona kantu esanguratsua da. Hortaz luzaro hitz egin daiteke... Gero eta gehiago ari naiz ikasten eta, orain, gehienetan, musikatik abiatuta egiten ditut kantak. Sortzeko orduan izan beharreko askatasunak kezkatzen nau batik bat. Benetan kantu baten atzean dagoen motiboa, inoiz ezin da jakin. Beste zerbaitekin konektatzen zaituen zerbait da eta horren atzetik gabiltza. Gauza txikia da kantua. Baina era berean, musikak orekan jartzen ditu egungo aurrerapen guztiak, gizakiak behar du barrutik harago joan. Kantuak badu esanahi hori.
Bilboko Kafe Antzokian egingo duzu lehen aurkezpen kontzertua, abenduaren 20an. Zein da zure harremana hiri aldakor honekin?
Azukre Koxkorrak diskoarekin asko ibili gara jendeaurrean. Eta aurten nire ohiko taldekideek denek disko bana argitaratu dute: Arkaitz Minerrek datorren astean aurkeztuko du bere bakarkako lehen diskoa; Hasier Oleagak udaberrian atera zuen diskoa; eta, Lutxo Neira ere, Kanadan dabil proiektu berri batekin. Hala ere, Kafe Antzokia zabaldu zenetik, urtero jo izan dut bertan, eta ez nuen huts egin nahi.
Eta Bilbo... Hemen hasi nintzen, aspaldi... Hemendik gertu dagoen Particular de Estraunza kalean nuen entsegu lekua. | news |
argia-93b888696ee4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/udazkenari-aurre-egiteko-zenbait-gomendio.html | Udazkenari aurre egiteko zenbait gomendio | Jabier Agirre | 2014-12-21 | Udazkenari aurre egiteko zenbait gomendio
Aspaldi sartu ginen udazkenean, baina urri-azaroan uda giroan egon garela esan liteke. Hona beraz, abendu erdian, udazkenean ondo sartzeko aholku sorta.
Sasoi aldaketak aldarteari eta adoreari erasan diezaieke, ikerketa ugarik frogatu dutenez. Gure esku dago beheraldi hori kontrolatzea. Badira egunero praktikan jar daitezkeen ohitura xumeak, gogorik ezaren kontra oso mesedegarriak:
1. Jarrera baikorrarekin oheratu . Gauero, ohera joan aurretik, gogora ezazu egunean zehar gertatu zaizun gauza on bat gutxienez.
2. 30 minutuko paseoa egunero . Texaseko Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, jarduera fisikoa psikofarmakoak bezain eraginkorra da depresio arinak jota dauden pertsonengan.
3. Tente ibili . Ibiltzean jarrera egokia izateak –hau da, tente ibiltzeak– norbere buruarekiko pentsamendu positiboak eragiten omen ditu, eta hori depresioaren kontrako erremedio ezin hobea da.
Zaindu sistema immunitarioa
Bestalde, eguraldi aldaketak gure immunitate-sistema ere ahuldu dezake. Eta ondotxo ezagutzen dugu immunitate-sistemak udazken-neguko gripe, katarro eta gainerako infekzioen kontrako borrokan duen garrantzia. Beraz, sistema hori aktibatzea komeni da, hurrengo hilabeteetan askoz ere gaitz gutxiago harrapatzeko.
4. Ondo lo egin. Zenbat eta lo ordu gehiago egin, orduan eta handiagoa izango da odoleko globulu zurien kontzentrazioa, birusak eta bakterioak akabatzeko ardura duten odoleko osagaiak hain zuzen ere.
5. Kontrolatu gainpisua . Soberako kilo horiek gorputzaren barruan hantura sorrarazten dute. Horren ondorioz mikroorganismo arrotzetatik babestu beharko gintuzketen zelulek ezin dute modu egokian lan egin, eta infekzioen kontrako borroka ez da hain eraginkorra.
6. Garbitu eskuak maiz samar urarekin eta xaboiarekin, hogei segundoz gutxienez. Neurri hori, oso sinplea eta hutsala iruditu arren, ezinbestekoa da infekzioak ez harrapatzeko eta infekzio horiek ez zabaltzeko. Bereziki kontuan hartu beharreko neurria da janariak manipulatu aurretik, komunera joan ondoren eta garraio publikoa erabili ostean.
7. Hartu egunero zitrikoak (mukosak zaintzen dituzte), baratxuria eta tipula (eragin antibiotikoa dute) eta jogurta (hesteetako flora babesten du). Eta har itzazu eragin linfatikoa duten sendabelarrekin (ekinazea, schisandra eta antzekoekin) egindako infusioak.
8. Eutsi adiskide eta lagunekiko harremanei. Zure antigorputz kopuruak gora egingo du, eta zure organismoak hormona kaltegarri gutxiago askatuko du. | news |
argia-ce75ae398271 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/eskolan-zenbat-eta-lehenago-ingelesez-orduan-eta-kaskarrago-gaelikoz.html | Eskolan zenbat eta lehenago ingelesez, orduan eta kaskarrago gaelikoz | Onintza Irureta Azkune | 2014-12-21 | Eskolan zenbat eta lehenago ingelesez, orduan eta kaskarrago gaelikoz
Gaelikoa gehien hitz egiten den Irlandako eskualdeetan ere larri dabiltza. Etxean gaelikoz aritzen diren haurrak eskola elebidunetan nola moldatzen diren aztertu dute, eta datuek diote ingelesa hobeto menperatzen dutela, euren hizkuntza baino.
The Irish Times egunkariak Analysis of Bilingual Competence : L anguage Acquisition among Young People in the Gaeltacht liburuaren berri eman du. Ikerketan, gaelikoak indar handiena duen guneetako (Gaeltacht deitzen zaie) 50 familiatako haurrei jarraipena egin diete, gaitasun linguistikoak neurtzeko. 7 eta 12 urte bitartekoak dira, etxean gaelikoz egiten dute eta ikastetxean gaelikoz eta ingelesez.
Ikerketaren ondorio nagusia ondokoa da: eskolan bi hizkuntzekin goiz hasita, etxeko hizkuntza gutxiagotua dutenak irabazten baino galtzen ateratzen dira. Alegia, gaeliko hiztunak diren haurrek beraien hizkuntzan gaitasuna galtzen dute eta ingelesez hobeto moldatzen dira.
AEBetan gaztelaniarekin antzekoa gertatzen da
Antzeko zerbait gertatzen da gaztelaniaz egiten duten Amerikako Estatu Batuetako ikasleekin. Eskolan bi hizkuntzetan goiz hasiz, etxekoa galtzen hasten dira.
Egunkari irlandarrak dioenez, gaeliko hiztunekin gertatzen denaren tankerakoa da, gaztelania, kasu honetan, hizkuntza gutxiagotua delako. Aldiz, lehen hizkuntza indartsua duten umeak eskola elebidunetan hezita, ez dute beraien hizkuntzan inolako galerarik jasaten.
The Irish Times agerkariak eskolan gertatzen denaz harago begiratzen du eta esaten du, nahiz eta gaeliko hiztunak indartsuen dabiltzan guneez aritu hizketan, gizarte erabilera behera ari dela egiten, eta beraz, gazteentzat gero eta zailagoa dela hizkuntza ondo barneratzea. Etxeko transmisioaren, hiztun komunitatearen eta hezkuntzako egituren harreman-hausketa aipatzen du. | news |
argia-aa7e71535777 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/soberaniak.html | Soberaniak | Anuntxi Arana | 2014-12-21 | Soberaniak
FAOk eta OMEk, azaroan bildu duten elikadurari buruzko konferentzian, azken urte hauetan etengabe errepikatzen dutena aitortu dute berriz ere: mundu desorekatu honetako elikadura sistemak ez duela gosetea ezabatu eta bai, aldiz, gizentasuna areagotu, bizi esperantza murriztuz bide batez. Haien kezka da nola egin industriak ez ditzan jangai kaltegarriak ekoitz. Pilota, beraz, erabakitzaileen teilatuan dago, estatu buru eta agintarien jauretxeen gainean.
Eguberrik ez duela arazo hori konponduko, pentsatuko dugu; alderantziz, soberan izango dira aurten ere erosketak, jan-edanak eta xahutzeak. Eta, beharbada, oroi-minez gogoratuko ditugu antzinako denbora xuhurragoak.
Alta, tradizioan dituzte erroak urte bukaera-hasieretako gehiegikeriek, horretarako propio baita aroa, opariak egiteko eta hartzeko. Halaxe egiten zuten, eskean ibili ondoan ("Patakon, daukanak ez daukanari emon!"), bilduagaz ase bat egiten zutenek. Bakarrik diferentzia bat, eta ez txikia: asetzeko parada gutxi garai haietako herri xeheak. Oraingo mundu aberatseko gizentasuna ez da Gabon gauean jaten den bisiguak ekarria. Arazoa da, batzuek abere proteina egunero bi aldiz jan dezaten, nola arpilatzen diren herrialde txiroak, nola suntsitzen ari den nekazaritza txikia.
Pierre Rabhi nekazari poetak aspalditik predikatzen du zorionezko xuhurtasuna. Epikuroren ildoan, jakina; nahiz ez den filosofo izan behar ohartzeko egunero jaia duenak ez dituela gero igandeak berdin gozatuko. Haratago joaten dira beganoak, eta denon onurako: GIECen arabera, animalietatik datozen jakien ekoizpenak garraioek baino gas kaltegarri gehiago sortzen baitu. Bizidun guztien arteko adiskidantzara hurbiltzen gaituzte ez-espezistek, urrezko garaira iritsi guraz, agian. Munduak ez du tamainako iraultza ikusiko... Baina nork daki nora itzulikatuko den, ez ote duen ankerkeria alde bat utz eta zibilizazioranzko bira hartuko.
Bitartean, gibel gizen errezeta bat. Ahate bat har eta erreserba. Hura galkatzeko arto eta indaba gorri haina har, tomate eta tipula. Osagai horietaz bi parte egin eta bat erreserba. Besteaz taloak egin eta indaba purez, tomate saltsaz eta tipula frijituz bete. Bero-beroa zerbitza. Parte erreserbatua ahateari eman. Orduan, asealdiak bion gibela leundurik eta Eguberriko mirakuluz, ahatea eskerrak bihurtzen hasten bada eta talo jaleren oinak palmadun bilakatzen badira, bingo: bi kimera utopia baterako! | news |
argia-843bffdccf50 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/kapitalismo-transnazionalari-stop.html | Kapitalismo transnazionalari stop | Juan Mari Arregi | 2014-12-21 | Kapitalismo transnazionalari stop
Joan den astean politikari, sindikalista, nekazari eta aktibista sozialak bildu ziren Bruselan TTIP merkataritza hitzarmenaren kontra. Horiek guztiak Stop TTIP nazioarteko plataformaren parte dira. Europa osoan jasotako milioi bat sinadura aurkeztu zizkioten Europako Batzordeko presidenteari. Deialdia GUE-NGL ezkerreko berdeen talde konfederalak egin zuen –talde horretan EH Bildu koalizioa dago–. Euskal Herritik joandako politikari, sindikatu, hedabide –Argiako kazetari Unai Break zuzenean eman zuen konferentziaren berri internet bidez– eta eragile sozialen ordezkaritza ere Bruselan izan zen.
Hainbat interesengatik erabat oharkabean igaro den jardunaldi horrek TTIP tratatuarekin negoziatzen ari diren kontuen inguruko iluntasuna eta sekretismoa salatu nahi izan du. Bertan parte hartu dutenek eskatu dute tratatuaren zehaztapenak argitara ematea, ezkutukeri horrekin susmoak baitituzte "transnazionalei boterea eman" nahi zaiela. Kapitalismo trasnazionalari alegia. Horretarako, Bruselan dituzten lobbyak erabiltzen ari dira. TTIPren kontrako plataformak azaldu duenez, lobby horiek transnazionalen estrategian kolaboratu baino "tratatua bera zuzenean eurak idazten ari dira". Ondorioz, interes eta errezeta kapitalistak bultzatzen ari dira.
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) joan den astean baieztatu zuen azken 30 urteetan aberats eta pobreen arteko leizea ez dela inoiz une honetan bezain sakona izan herrialde gehienetan. TTIP edo CETA –Kanadarekin egindako beste merkataritza akordio bat– moduko tratatuek ahalbidetzen dute desberdintasun hori jendartean betikotzea. Politikari, sindikatu eta eragile sozialen eginbeharra da herri mugimendua artikulatzea, Euskal Herrian zein Europan, kapitalismo transnazionalari baino mesede egingo ez dion tratatu hori lurperatzeko. | news |
argia-9f520cb13455 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/herrigintza-parte-hartzailerako-gunea-urretxun.html | Herrigintza parte-hartzailerako gunea Urretxun | Martin Vicioso | 2014-12-21 | Herrigintza parte-hartzailerako gunea Urretxun
Urretxuko Irimo lantegia zena eta industrialde osoa berreskuratzeko prozesua abiatu dute herritarrek. Herrigintza ulertzeko eredu jasangarri eta parte-hartzailea oinarri, bilerak eta eztabaidak izan dituzte. Helburua, bertako ekintza kulturala eta ekonomikoa suspertzea.
Urretxura Legazpitik sartzean, kasik hutsik den industrialdea ikus genezake ezkerraldean. Guneari Irimo deitzen diote herritarrek, izan ere, bertan dago urte askoan Urretxuko enpresa garrantzitsuenetarikoa izan denaren egoitza. Hura eraberritzea ez da kontu samurra. Azkeneko hamabost urteetan, udal gobernu talde ezberdinek mota askotako proiektuak hartu dituzte kontuan, etxebizitzak eraikitzetik merkataritza-gunea sortzeraino. Bertako arkitekto talde baten proposamenari jarraituz eta hirigintzarako eredu jasangarria eta parte-hartzailea bilatuz, prozesu berria ireki da.
Lehenik, arlo anitzeko pertsonak eta eragileak bildu zituzten helburu estrategikoak definitzeko. Guztiz birrindu gabe, pabilioiei erabilera ematea posible zela ondorioztatu zuten. Europan eta Euskal Herrian bertan antzeko proiektuak badirela ikusi zuten, baina Irimoren berezitasunak aztertu behar zirela argi izan zuten lehen momentutik. Besteak beste, guneak duen kutsadura eta 7,2 kilometro koadroko espazio luzea dela.
Hasierako bileretan lortutako ondorio nagusietakoa da ekintza kultural eta ekonomikoetarako aproposa dela Irimo. Herritarren beharrak eta Urretxuk eta eskualdeak dituen gabeziak ahal den neurrian asetzen saiatzea da asmoa.
Ibon Salaberria koordinatzaileak adierazi duenez, jendea erakartzea da orain lehentasuna, bai kopuruaren aldetik, bai aniztasunaren aldetik ere. Horretarako, komunikazioa funtsezkoa da. Herritar askok ez du Irimo gunea ezagutzen. Industrialde garrantzitsua izan zela badakite, baina gaur egungo egoera, nolabait, arrotza zaie. Hori dela-eta, bertara bisitak antolatu zituzten udaran, gunea erakusteko eta proiektua aurkezteko. 50 lagun inguru gerturatu ziren. Irimo Foroa izenpean, hitzaldiak eta eztabaidak ere antolatu dituzte. Batetik proiektua ezagutarazteko, eta bestetik, antzeko esperientzietatik eta adituen ekarpenengatik ideia berriak landu ahal izateko. Abenduan bilera gehiago izango dituzte auzolan jardunaldiak prestatzeko.
Ekarpenak Europatik
Arkitekto gazteentzako Europan lehiaketara aurkeztu zuten proiektua. 2013ko gaia "hiri moldagarria" zela ikusita, egitasmoak lekua izan zezakeela pentsatu zuten. Irabazleetako bat izan dira, eta ondorioz, Europako arkitekto gazteen ekarpenak jasoko dituzte. Aberasgarria izateaz gain, kanpora begirako proiekzioa emango diela azpimarratu dute kideek.
Proiektu garestia da Irimo. Lan handia dute aurretik, batez ere kutsadura maila jaisteko eta hondakinak jasotzeko. Gipuzkoako Diputazioak eta Urretxuko Udalak emandako diru-laguntzei esker osatu dute aurrekontua, baina diru gehiago beharko dutela aurreikusten dute. Egungo testuinguru ekonomikoan finantziazioa lortzea zaila dela badakiten arren, Urretxu eraldatzeko gogoak ematen die aurrera jarraitzeko indarra. | news |
argia-25ab3ede1091 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/neskentzako-eta-mutilentzako-ipuinak.html | Neskentzako eta mutilentzako ipuinak | Uxue Alberdi Estibaritz | 2014-12-21 | Neskentzako eta mutilentzako ipuinak
Ipuina ez da gauza goxoa
ta ez da umekeria
ipuinak azal azpian bizi
nahi duela da egia.*
Zer da ume bat guraso baten
magalean eseria?
Unibertsoa ordenatzeko
bidea da alegia.
Fantasia da arrazoiaren
lehen entziklopedia.
Azal urdinez, azal arroxaz
eraiki irudimena.
Istorio hau mutilena da
beste hau neskatilena...
Ezpatarekin ebakitzen den
soinekoa, sexuena.
Baina ipuina ez balitz xalo?
Alderantziz balitz dena?
Ipuina balitz neska zein mutil
bilakatzen gaituena?
Odol urdinak, malko arroxak
jendartearen ibaian...
Itsasgizonak ateko bandan,
haien emazteak kaian.
Nahiz ta heldutan eskema zaharrak
jarri ditudan ezbaian,
nola ezpatarik inork ez zidan
eskaini ume garaian
ia 30 urte daramat
printzesa hori hil nahian.
P.D.: Hala bazan ta ez bazan
ea ipuina aldatu dela
sartzen zaigun kalabazan.
*Nora ez dakizun hori. Irati Jimenez. | news |
argia-1a00d20a6efc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/patxi-bergara-eta-mathieu-iriart-i-enerreko-sortzaileak.html | "Ipar Euskal Herrian energia trantsizioa behar da, eta estatuak ez du eginen" | Unai Brea | 2014-12-21 | "Ipar Euskal Herrian energia trantsizioa behar da, eta estatuak ez du eginen"
Legearen aurrean enpresa forma du I-Enerrek, baina egiazki, energia trantsizioa sustatzeko herri mugimendua izatea da haien asmoa. Urriaren 5ean aurkeztu zuten beren burua jende aurrean, Bizi! mugimenduak Ziburun antolatutako Alternatiba Zokoa ekimenaren barruan. Patxi Bergara eta Mathieu Iriart, sortzaileetako birekin mintzatu gara elkarteak Angelun daukan egoitzan.
Nondik etorri zen I-Ener sortzeko ideia?
Patxi Bergara: Bakoitza bere aldetik hasi ginen, gero kontaktuan sartu ginen. Nire aldetik, lehen nahia izan zen ekimen bat sortzea burujabetzaren inguruan. Burujabetza, oro har. Gero ezagutu nuen GoiEner [ikus Argia 2.420], eta pentsatu nuen: zergatik ez horrelako ekimen bat Iparraldean? Eztabaidak izan dira gure artean eta ez dugu GoiEnerren gauza bera egin, baina ideia hori zen. Frantzia mailan EDF izan da beti monopolioa izan duena elektrizitate alorrean, eta gaur egun, liberalizatua baldin bada ere, hemengo biztanleek ez dakite aldatzen ahal dela. Euskaldun gisa Frantziarekiko menpekotasuna bada hori ere.
Mathieu Iriart: Hamar urte baizik ez da liberalizatua dela, baina Frantzian oso zentralizatua da dena orokorki, baita energian ere, eta ez da Alemanian edo Danimarkan bezala tokiko enpresen konkurrentzia. Anitzek ez dakite posible dela beste aukera batzuk hautatzea. Eta badira; hogei bat hornitzaile dago gaur egun.
Zuek ere hornitzaileak izango zarete?
P. B.: Ez, gu sortzaileak izanen gara, ekoizleak. Horrelako asko badira, eta kasik denek EDFri saltzen diote. Guk ere bai, hasieran.
M. I.: Gure asmoa da oraingoz ekoiztea, eta egun batez banaketa-egitura bat sortzea. GoiEner etorriko balitz Ipar Euskal Herrira, zirkulu perfektua litzateke, guk ekoiztea haiek saltzeko, eta herritarrei erratea kontratua egiten ahal dutela GoiEnerrekin. Dena izango genuke Euskal Herrian bertan.
Zergatik ekoizle, eta ez hornitzaile?
M. I.: Trantsizio energetikoa da gure helburu nagusia, baina zinez orokorra da helburu hori. Beraz, erabaki dugun lehen ekintza ekoiztea da. Lehen urratsa izanen da: instalazio kolektiboak egitea panel fotovoltaikoen bitartez. Trantsizioa nahi badugu, autonomia energetikoa beharko dugu, eta horrek erran nahi du herritarrek behar dugula berreskuratu energiaren arloa, baina ezin dugu berreskuratu ekoizten ez dugun energia. Berreskuratu aitzin, behar da energia hemen izan; ez da berreskuratzeko ezer egun.
P. B.: Hasieran GoiEner bezala izan nahi genuen, banatzaileak, baina fite konturatu ginen hori ez zela bidea. Gure espiritua elektrizitate garbia banatzea da, eta gaur egun Ipar Euskal Herrian elektrizitate garbia izan bada, barnealdean, baina ez da kantitate handia.
Non ezarriko dituzue instalazio fotovoltaikoak?
P. B.: Leku zehatzak ez ditugu finkatu oraindik –hasiera batean denak barnealdean izanen dira, hori badakigu–, baina asmoa dugu kolektibitateen edo laborarien teilatu gainean hasteko. Tamaina handiko teilatuak nahi ditugu. Eta ari gara hautetsi batzuekin mintzatzen.
M. I.: Helburua litzateke martxoan lehen panela ezartzea. Hautetsiei ez diegu euro bat ere galdeginen, teilatua baizik, eta gure ustez ezin izanen dute errefusatu, baina denbora beharko da. Gu prest izanen gara; jadanik dirua sartzen ari da, jendeek erraiten dute inbertituko dutela... Ez gara horren beldurrik. Hala ere kanpaina zaila da, errazago izanen litzatekeelako komunikatzea teilatua identifikatuta dugularik. Baina teilatua izateko behar dugu diru pixka bat ukan. Orduan, lehen jendeak zinez militanteak dira, gure hurbilekoak, hori da lehen zirkulua, eta bigarren zirkulua izanen dira Ipar Euskal Herriko militante historikoak, beti Euskal Herriaren alde ematen dutenak.
Beraz, burujabetzaren ikuspuntutik ari zarete mezua zabaltzen ekologiarenetik baino?
M.I.: Bietatik. Euskal nortasuna eta ekologia. Euskal monetak, EHLGk... jadanik erakutsi dute badela Ipar Euskal Herrian gaitasuna bi mundu horiek biltzeko: euskaltzaleak eta aurrerakoiak edo ekologistak. Gero eta gehiago elkarrekin lan egiten dute lurralde honetan, eta hori baliatuko dugu.
Ekoizpen eredua aldatu nahi duzue, baina kontsumo eredua ere bai. Gutxiago kontsumitzea, alegia.
M. I.: Hori nahi dugu batetik, eta bestetik, gaurko nuklear-petrolio eredutik berriztagarrietara pasatu. Gure asmoa da hemen kontsumitzen den energia hemen ekoiztea, baina ez egun bezainbeste. Gaur 100 kontsumitzen badugu, bihar aski izan dadila 50.
Nuklear-petrolioa binomioa aipatu duzu, baina elektrizitate sorreraren alorrean bada petroliorik?
M. I.: Ez, petrolioa gehiago erabilia da garraioarentzat, baina elektrizitateari dagokionez nuklearra da nagusi, argindarraren %75-80 nuklearretik dator. Erran dute hamar urteren buruan portzentajea erdira jaitsiko dela, baina ber energia sortuko dute, guztizko kontsumoa handituko baita.
Elektrizitatearen hiru laurden nuklearretik dator, beraz. Eta gainerakoa?
M. I.: %10-15 hidraulikotik, eta beste %10a berriztagarrietatik: eguzki panel batzuk, haizea oso gutxi...
P. B.: Frantziak erran du "gu izanen gara nuklearraren txapeldunak". Nuklearra defendatzen dutenak aski azkarrak dira, eta beti badira argudioak erranez energia berriztagarriak ez direla menperatzen ahal, haiekin ez dela ziurtatua elektrizitatea etxeetara iristea, eta ez dutela bat egiten kontsumo ohiturekin, panelek gehienbat udan ekoizten dutelako baina elektrizitatea behar delako gehiago neguan. Bestalde, ez da ezker edo eskuin afera, komunistak adibidez nuklearraren alde dira anitz enplegu sortu omen duelako.
Fukushimako istripuak ez du aldaketarik eragin?
P. B: Pixka bat. Batzuek erraten zuten Frantzian behar zirela zentral zaharrak itxi, baina hala ere berriak irekiko dituzte. Eta zaharrak ez dira ixten.
M. I: Horretarako ere gure bidea egiten dugu hemen. Ipar Euskal Herrian energiari dagokionez trantsizioa behar dela ziur gara, eta ziur gara ere estatuak ez duela eginen, edo ez duela ongi eginen. Guk eginen dugu; euskal herritar gisa hori parada da gure tresna propioak sortzeko.
Hitz egidazue I-Enerren antolakuntzaz. Nola egituratu duzue enpresa?
P. B: Instalazioak egiten hastean teknikari espezializatu bat kontratatuko dugu, baina momentuz ez da langilerik, hamar sortzaile gara eta denak boluntario ari gara. Hasieran kooperatiba izatea nahi genuen, azkenean ez da izanen, baina espiritua berdina izanen da: pertsona bat, bozka bat. Ipinitako kapitala edozein dela. Eta mozkina inbertituko da. Juridikoki SAS delako bat izanen da, akziodunen sozietate sinplifikatua.
M. I: Erran behar da ez garela adituak, eta egin ahala ikasten ari garela. Erreferentziatzat Frantziako ekimen batzuk hartu ditugu; horiek gu bezala hasi dira, deus jakin gabe.
P. B: Etengabeko diru bilketan ari gara. Helburua da 60.000 euro biltzea lehen panelak ezartzen hasteko. Badugu erdia baino gehiago. | news |
argia-e7c063fdd65c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/bertako-garagardoa.html | Oinarri sendoko aparraldia | Lander Arretxea | 2014-12-21 | Oinarri sendoko aparraldia
Harro edaten dugu bertako sagardoa, ardoa edo txakolina, baina garagardoa nahi dugunean, telebistan iragartzen dituzten izenetara jotzen dugu sarri. Lehengai naturalagoak erabiltzen dituzten bertako ekoizle txikiak ez dira falta ordea, eta gero eta gehiago dira txosnan, tabernan zein etxean zintzurra euskal garagardoarekin freskatzen dutenak.
"Garagardoa" hitza entzun, eta Heineken, Amstel, Desperados eta abarrak etortzen zaizkigu gogora. Inork gutxik daki ordea, multinazional berarenak direla hiru marka horiek, eta lau ekoiztetxe handiren artean egiten dituztela supermerkatuan topa ditzakegun aukera gehientsuenak.
Baina bada garagardorik egitura eta iragarki garestien zurrunbilotik urrun ere. Eta ez edonolakoa gainera. Garagardotegi txikietan, kopuru xumeagoetan baina osagai naturalekin eta mimoz, euren gustuen neurriko edari artisaua ekoizten dute. Europa iparraldeko herrialdeetan eta AEBetan dagoeneko ibilbide luzea egin dute tokian tokiko ekoizle txikiek, eta badira urte batzuk Katalunian aparraldia izan zela. Euskal Herrian aldiz, ekoizle kopuruak azken urteotan egin du gora, bertako produktuen aldeko jarrera eta garagardo zaletasuna lagun.
Joera horren isla da hiru garagardozale euskaldunek (Beñat Irasuegi, Joseba Karrikiri eta Igor Oiarbidek) martxan jarri duten Localbier bilatzailea. Kokapen jakin bat hautatu eta inguru horretan bertako garagardoa eskaintzen duten taberna, denda eta abarren berri emango dizu webguneak. Datu-base irekia denez, nahi duenak aukera du izenak gehitzeko. Bertan bilaketa eginez gero, Euskal Herriko hogeita hiru garagardo marka aurki daitezke, eta Irasuegiren arabera, baliteke sortu berri den bakarren bat oraindik ez agertzea. Ez da, horrenbestez, aukerarik falta: "Urte gutxian hirukoiztu egin da ekoizle kopurua, eta polikiago izan arren, bertako garagardoa kontsumitzeko joera ere hazten ari da pixkanaka".
Pagoa: aitzindaria
Hogeitik gora ekoizle eta marka horien artean, bada aitzindaria den bat, beste guztiak baino lehenago abiatu zena: Pagoa Basque Beer. Joxe Anjel Arbelaitzek kontatzen duenez, Bretainian izan zuten garagardo artisauaren berri, eta 1998an jarri zuten garagardotegia martxan, Europan zehar ikasi eta hamaika proba egin ondoren. "Bidea zaila izan da, baina apurka pizten ari da bertako produktuak baloratzeko joera eta oso pozgarria da hori. Gure ibilbideak balio izan du Euskal Herritik atera gabe eta tokiko produktuekin kalitate oneko garagardoa egin daitekeela erakusteko". Urtean 50.000 litro inguru ekoizten dituzte, hiru motatan banatuta: Orhi, Gorri eta Zunbeltz.
Naparbier: Nafarroatik mundura
Ibilbide luzekoa da Noaingo Naparbier garagardotegia ere. Bi lagunek sortu zuten duela bost urte, langabezian geratu zirenean. Ez da gutxi geroztik lortu dutena. Egun, sei lagunek osatzen dute kooperatiba, eta haietako lau Naparbierren bertan ari dira lanean. Iberiar Penintsulako garagardo artisau ekoizle handiena bilakatu dira: 240.000 litro ekoizten dituzte urtero, eta hogei garagardo mota baino gehiago sortu dituzte osagai berriak gehitu edo proportzioak aldatuta. Euskal Herri osoan ez ezik, mundu zabalean ere saltzen dituzte euren produktuak, AEBetan eta Norvegian esaterako. Jose Javier Erro kooperatibako kidearen arabera, "marka komertzialen artean, lau multinazional dira ezagutzen ditugun garagardo guztiak egiten dituztenak, baina gero eta gehiago gara beste modu batera ekoizteko apustua egin dugun ekoizle txikiak".
Zarautz Beer Company: hasteko irrikaz
Arnau Estrader eta Jaume Urgelles Katalunian jaio ziren, baina euren kabuz lokal bat egokitu ostean, garagardotegi propioa jarri berri dute martxan Zarautzen. Biak ala biak ostalaritzan aritu dira hamabost urte zituztenetik, eta gustatzen zaiena egitearekin batera, bizitza lasaiagoa izateko asmotan barneratu dira garagardo artisauaren munduan. Ideia buruan zutela, bigarren eskuko makina batzuk erosteko aukera izan zuten, eta hori izan zen zalantzak alboan utzi arazi zizkien behin betiko bultzada.
Laster zabalduko dute lehenengo uzta, eta eskari mordoa dute dagoeneko. Bitartean, etengabe proba berriak egin eta ikasten ari direla diote. Hilean 4.000 bat litro egitea dute asmoa: "Ez dugu gehiegi ekoitzi nahi, nahikoa genuke gustatzen zaiguna egiten jarraitu eta duin bizitzeko soldata lortzearekin". Katalunian tokiko garagardoaren gorakada lehenago eman zela aitortu arren, hemen gauza bera gertatuko dela aurreikusten dute, "Euskal Herrian produktuaren jatorriari eta kalitateari balio handia ematen baitzaie".
Lehengaien jatorri anitza
Ekoizpena Euskal Herrian egin arren, ez da beti erraza beharrezko lehengaiak bertan eskuratzea. Naparbierren esaterako, iturriko ura erabiltzen dute, baina lupulua eta malta kanpotik ekartzen dute sarri. "Kalitateari erreparatzen diogu, baina ahal den neurrian bertako lehengaiei ematen diegu lehentasuna". Zarautz Beer Companyn ere modu berean ekin diote hasierako ekoizpenari. Dena dela, uste dute lupulua eta malta bertan egiten hasi den jendea badagoela, eta ona litzakeela etorkizunean lehengaiak eurei erosi ahal izatea. Pagoan aldiz, lortu dute garagardoa ekoiztea euskal jatorriko osagaiak soilik erabilita. Lupulua eta malta Nafarroa eta Arabatik eramaten dituzte Gipuzkoara.
Bertakotasuna etiketetan
Lehengaien jatorria jatorri, bertan egindako garagardoa dela azpimarratzen dute ekoizle gehienek, etiketa eta izena baliatuta. Zarautz Beer Companyn zein Naparbierren, izenaren bitartez ematen dute jatorri geografikoaren berri, eta Pagoa garagardoak ere Basque Beer du abizen. Joera bera errepikatzen da zerbeza mota bakoitzari ematen zaizkion izenekin. Kasu, Zarautzen sortu duten lehenengo garagardoari Earra izena jarri diote, horixe baita bertako jendeari entzun diotena, edandakoa gustuko duenean.
Hiru garagardoon kasuan, euskarak presentzia nabarmena du botilak biltzen dituen etiketan, baita kanpora bidaltzen dituztenean ere. Hala dio Naparbierren Pils-ari dagokionak: "Garagardoa eskuan eta ibili munduan".
Jaietan ere bertakoa, ahal den neurrian
Banketxe edo garagardo marka komertzialek musika jaialdi gehientsuenei izena jartzen dioten honetan, bada halako tentazioei beharrean bere balioei eutsi dien bat: Lekorneko Euskal Herria Zuzenean festibala (EHZ). Bide horretan, kontzertu guneen inguruan jarritako saltokietan bertako laborarien produktuak saltzen dituzte, eta nola ez, gauza bera egiten dute garagardoarekin ere. Ahal duten neurrian bederen. EHZko ostatuak kudeatzeaz arduratzen den lantaldean dago Mikel Ladevese, eta dioenez, jaialdian saltzen den garagardoaren herena da bertan ekoiztutakoa.
Lapurdiko bi garagardotegitara jotzen dute horretarako: Akerbeltz eta Etxeko Bob's Beer. Trukean, ekoizleek erraztasunak ematen dituzte: "Barrilak ekarri, bueltan jaso eta garagardoa zerbitzatzeko beharrezko tresneria guztia uzten digute".
Ekonomikoki marka komertzialak errentagarriagoak diren arren, gero eta gehiago dira ahalegin berezia egin eta bertako garagardoa sustatzen duten herri mugimenduak. Oreka bilatzea da gakoa, Ladeveseren iritziz. "Halako produktuen alde egitea da gure balioen ondorioa, baita prezio merkeak ezartzea ere, baina egia da batzuetan bi gauzen artean aukeratu behar dela". Zailtasunak zailtasun, argi du gero eta jende gehiagok estimatzen dituela bertako garagardoa eta EHZk egiten duen saiakera, eta bide beretik jarraituko dutela etorkizunean ere.
Gero eta zale gehiago
Herri mugimenduko ekimenetan bidea egiten ari den neurri berean, gero eta errazagoa da taberna eta dendetan bertako garagardoa aurkitzea. Donostia erdialdeko Iturrioz tabernan esaterako, Euskal Herriko zortzi garagardo marka dituzte. Ander Breton da horren erruduna: "Duela urte batzuk, jakin-minak eraman ninduen artisau garagardoaren mundua ezagutzera, eta pixkanaka hasi nintzen tabernan botilak gehitzen. Asko dira bertako garagardoren bat eskaintzen duten tabernak, baina marka bakoitzak bere berezitasunak dituela jakinda, aniztasuna eskaini nahi dut nik".
Dioenez, ez dio lan asko eskatzen garagardo horiei tokia egiteak, kaxa txikiak erosteko aukera izaten baitu. Jendeari gustatzen bazaizkio, orduan eskatzen ditu kaxa gehiago. Tabernara datozenen artean probatzera animatzen direnak gero eta gehiago direla egiaztatu du gainera. "30 urteren bueltakoak hasi ginela uste dut, baina gero eta jende helduagoa hasi da pausoa ematen". Ez du uste, ordea, arrazoi bakarra garagardoaren jatorria denik, asko baitira zapore berriak eta kalitatea bilatzen dituztenak. "Bertako garagardoa gutizia ere bada, ekoizle txikiek marka komertzialek baino lehengai hobeak eta naturalagoak erabiltzen dituzte-eta". | news |
argia-719f331dc354 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/zer-diote.html | Zer diote? | Xabier Letona | 2014-12-21 | Zer diote?
BRUNETE MEDIATIKOARI buruz askoz gehiago idatzi izan da euskal hedabideetan, eta haren soldaduek ere askoz gehiago idatzi izan dute euskal kontuez. ETAk 2011n bere jarduera armatua utzi izanak, ordea, euskal bazka gabe utzi ditu neurri batean. Neurri batean bakarrik, ETAk bizirik jarraitzen baitu oraindik; haietako gehienentzat, gainera, ETA eta EH Bildu berdintsuak dira. Presoak ere hor dira. Biktimak. Separatismoa... Baina, gainera, badute mehatxu handiagorik euskal lurretatik harago. Batetik Katalunian, bestetik etxean bertan, Podemosekin.
Euskal gizartearen esparru gero eta zabalago batek gero eta kasu gutxiago egiten die, baina bertako komunikabide talde garrantzitsuenean sinadura esanguratsuak dira oraindik. Aspaldiko partez, haiengana zuzendu dut begirada, ea zer dioten. Denetarik eta era kontrajarrian batzutan, baina oinarri bateratu batzuen bueltan: 78ko Konstituzioa, Espainiaren batasuna eta legea, behar izanez gero indarrarekin defenditu beharrekoa.
Estatuaren indarra . Joseba Arregi jeltzale ohiak bereziki du gustuko gogoratzea Estatuaren oinarrian biolentzia legitimoaren erabilera dagoela eta horrekin amaitu zela ETArekin eta ez elkarrizketarekin: "Polizia borrokari kontrajarriz, faltsuki 'politika' deitzen den horretara jo gabe, negoziazioa eta elkarrizketa dotore horietara jo gabe, amore eman gabe, egiazki, hori baita belarrira hain ondo egiten duten termino horien atzean dagoena, haiei legea indarrean jartzea kontrajartzen zaienean. Etsi gabe, elkarrizketa eta negoziazioaren beharrik gabe menperatu da ETA" ( El Correo , 2014-12-08 ).
ETAk irabazi du. Jesus Lainz idazle santandertarra, aldiz, ez dago bat ere ados: "ETAk ez du bere jarduera hiltzailea utzi damutzeagatik edo menperatua izan delako, errentagarria ez dela ohartu delako baizik, sasoi bateko sostengu sozialik ez duelako. Gainera, dagoeneko ez du enpresariak mehatxatzeko beharrik, gaur egun instituzioetan dagoenez egiazko zergak erabiltzen dituelako, askoz handiagoak eta eskuratzeko errazagoak (...). ETAk ez du porrot egin. Guztiz kontrakoa: nazionalismoa handitzea lortu du, kontzesio gehiago, esaterako inposaketa linguistikoa edo hezkuntzaren erabilera adoktrinamendurako" ( Libertad Digital , 2014-12-11).
Eta iraun nahi du . Polizia iturrietatik edan du beti Florencio Dominguez-ek: "Dirudiena baino errazagoa da autodesegitea, horretarako borondatea baldin badago, eta hori da ETAk ez duena, bere barne debateetan dagoeneko erabaki baitu ez dela desegingo. Biolentziari uko egin badio ere, erakunde gisa iraun nahi du. ETA eta nazioarte mailako lagun talde jendetsua lanean ari da IRAren eredua jarraitzen duen armagabetze moldea taularatzeko; eta Ostiral Santuko akordioen sinaduratik 16 urte iragan badira ere, talde hori ez da oraindik desegin" ( El Correo , 2014-12-14 ).
Otegiren zain dira. Jaime Mayor Orejak euskal gizartean ere Kataluniakoa badatorrela iragartzen du. "Dagoeneko ez gaude ez autonomian ezta autodeterminazioan ere, apurketan baizik. Katalunia dago abangoardian, baina Euskal Herrian Otegi espetxetik atera zain daude, eta hori udal hauteskundeak eta autonomikoen artean gertatuko da. Ez da Espainiako Gobernuaren tratu txarra, nazionalismoaren genetika da. Kontua ez da Mas edo EAJrekin bat egitea: doan ateratzen ez zaiela ulertu arte, haiek ez dira apurketatik aterako. Eta espainiarrek ulertu arte gehiengo oso indartsua behar dugula hari aurre egiteko" ( ABC, 2014-12-13 ).
Irabaz dezakete . Isabel San Sebastian ere ezin falta irakurketa honetan. Klasikoetan zorrotz eta gogorrenetakoa izan da. Aipatu gabe ere, Espainian beldurra ereitearen garrantziaz mintzo da, bestela Podemos eta ETAk irabaziko dutelako: "Podemos eta Amaiur/Bildu/Batasuna/ETAk (berdintsu dira guztiak) desirak partekatzen dituzte eta hauteskunde esparru bera lehiatzen dute. Hazten doan espazioa da, aurkariak politikara agertzen ez direnez gero eta hutsago, eta Euskal Herria eta Nafarroako boterearen giltza gordetzen duena; han hasi zen orain Katalunian lehertu den erasoa. (...) Eta ideien eremuan aurre eginda inork geldiarazten ez baditu, gauzak bere izenez deitzen ez baditugu, ezerk ez du eragotziko haien garaipena" ( ABC , 2014-12-14 ).
Naftalina usaina sarkorra da. Hedabide indartsuenetan oraindik bizi den diskurtsoa da, baina euskal gizartean desagertu da ia. 78ko erregimenaren gainbehera da. | news |
argia-d340c4e7afa2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/klima-aldaketaren-gailurra.html | Erabaki garrantzitsuak Paris 2015erako utzi dituzte | Unai Brea | 2014-12-21 | Erabaki garrantzitsuak Paris 2015erako utzi dituzte
Itxaropenerako tarte txiki bat ireki arren, orobat porrot sentsazioa gailendu da Limako Klimaren Gailurraren ostean. Lehen aldiz munduko herrialde guztien arteko akordio bat sinatu da, baina akordio ahula da, konpromiso sendorik gabea. Beroketa globala bi gradutik gorakoa izan ez dadin zerbait egitea eskatu zuten zientzialariek azaroan; tamalez, Limako Deia deituriko bost orrialdeko adierazpenak ez du neurri eraginkorrik ezarri.
Limako Klimaren Gailurra, COP20, hainbat arrazoirengatik izan da berezia. Batetik, aste batzuk lehenago AEBek eta Txinak beren gas emisioak murrizteko sinatutako akordioak baikortasuna eragin zuen; bazirudien mundu mailako adostasun zabal baten atarikoa izan zitekeela hura. Bestetik, NBEren Klima Aldaketari buruzko Aditu Taldeak, IPCCk, ohar larria egina zuen azaro hasieran: karbonorik gabeko ekonomiaranzko urratsak ematea ezinbestekoa da, planetako tenperatura globalaren igoera bi gradutik gorakoa izan ez dadin; langa hori gainditzeak hondamendia izan dezake ondorio.
2020tik aurrera Kyotoko Protokolo zaharkitua ordezkatuko duen akordioaren zirriborroa adosteko bildu dira munduko agintariak Liman. Datorren urtean Parisen egingo den konferentzian eman beharko zaio akordio horri behin betiko forma, eta Liman ikusitakoaren arabera, lan handia dago egiteko datozen hamabi hilabeteetan.
Konpromiso irmorik gabe oraingoz
Kyotokoak ez bezala, protokolo berriak estatu guztiak neurriak hartzera behartzea nahi da. Baina neurri horien zehaztapena gerorako utzi dute. COP20tik atera den dokumentuak, Limako Deiak, dio herrialde bakoitzak 2015eko urriaren 1erako aurkeztu beharko duela klima aldaketari aurre egiteko plan bat.
Testuaren azken bertsioak ahuldu egiten du konpromisoaren indarra, ez baita inondik inora hasierakoa bezain loteslea. Estatuei "aukera" ematen die, lehengo "beharraren" ordez. NBEk azaroaren 1ean eduki beharko du prest herrialde guztien plangintzen sintesia. Hau da, hilabete besterik ez da egongo COP21 hasi aurretik. Oso denbora laburra da testu bateratua prestatzeko, batez ere kontuan izanda herrialde garatuek eta garapen bidean daudenek oso ikusmolde desberdina dutela klimarekiko erantzukizunaz. Desadostasun hori oso agerikoa suertatu da Liman, eta gailurra bi egunez luzatu izanaren arrazoi nagusia izan da.
Funts Berdea, helburutik oso urrun
Finantziazioa beste desadostasun iturri handi bat da. Nork ordaindu behar ditu klima aldaketak eragindako gastuak? 2011n Klimaren Funts Berdea sortu zen; asmoa da herrialde aberatsenek diruz horni dezatela, eta diru horrekin garapen bidean daudenek klima aldaketa moteltzeko eta hari egokitzeko proiektuak gauzatu ahal izatea. 2020an 100.000 milioi dolarrera iristea da helburua, baina Limako Gailurra eta gero ozta-ozta gainditu dira 10.000 milioiak. NBEk arrakastatsutzat jo du lorpen hori... eta COP20 osoa. | news |
argia-e6e29dbe7302 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/ziria-eta-getozka.html | Ziria eta getozka | Jakoba Errekondo | 2014-12-21 | Ziria eta getozka
Lekeitiora joan eta lepo ikasi. Landareen berri ikasi! Bizkaitik, handik eta hemendik etorritako lurzaleak bildu ziren Usotegiko herri baratzearen urteurren ospakizunera. Iurretako Oromiñoko Txarroa baserriko Ikerrek ihiari, Juncus generoko belar jendeari, "ziria" deitzen diotela erakutsi zidan. Gure etxearen izenak ihitik ere badu eta nik ederki itaundu nuen. Eta, gero, batean eta bestean miaketari ekin.
Wikipediak dioenez, Juan Jose Arbelaizek jaso zuen Luis Mitxelenak zioena: "ihia" lehen "inia" esaten zela. Nik, zirizale, Ikerren "ziria"-ren alde egingo dut. Juncus izen latinoa jungere hitzetik omen dator, hau da: batzeko, elkartzeko, uztartzeko esan nahi du. Eta umetako jolas lotu bezain entretenigarria datorkit gogora: ihi lasto bat hartu eta ziri gisa bertan sartu eta sartu pilatzen genituen bitxiloreak ( Bellis perennis ) eskumuturrekoak edo idunekoak egiteko. Teilatuak, hesiak, saskiak eta abar lotu eta osatzeko erabili izan da, baita kandela moduan ere: ihi lastoa koipetan busti eta hura zihotzen utzi. Busti, zihotu, busti zihotu, kandela osatu arte. Horra ihia ziri, ziho-argiaren edo ziho kandelaren ziria!
Lekeitioko Usotegian baratzeaz aritu ginenez, inguratu ziren gehienak emakumeak ziren. Gizasemeak ere baziren, baina urrutixeagotik begiratzen zuten, mokadutxoaren tartean izan ezik...
Emakume talde bat bazen, landare berezi batez ari zena. Gaztelerazko izena erabiltzen zuten: verdolaga , hau da, getozka ( Portulaca oleracea ). Zein baino zein, nork gehien famatu ari ziren, batzuentzat sendabelarra eta beste batzuentzat jakia. Omega 3 duela, ez dakit zein zauri sendatzeko mirarizkoa dela, entsaladari aparteko grazia eransten diola... Nik arrastorik ere ez. Ezta ezagutu ere landarea. Jakin-egarri. Han eta hemen galdetu, eta Lekeitiorako aukera-aukerakoa dena aurkitu dut: getozka beste landareen laguntzailea da. Lurrean sakon hedatzen ditu zainak, eta ahulagoa den aldamenekoak haren segidan bereak ere luzatu ahal... Herrigintzaren irudi polita. Ea atzera joaten naizenerako, Usotegiko herri baratzean getozkari txoko bat eman dioten... | news |
argia-20bb3e4c8d28 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/topaketa-feministak.html | Hurrengo erronka: boterea hartzea | Estitxu Eizagirre | 2014-12-21 | Hurrengo erronka: boterea hartzea
Euskal Herriko Bilgune Feministak Emakume Abertzaleen VI. Topaketa Feministak antolatu zituen abenduaren 13an. Ondarroako Kofradia lepo zela (600 lagunen aurrean), mahai-inguru bizia eta mamitsua egin zuten. Hurrengo erronka nagusia boterea hartzea dela azaldu zuten: erabaki politikoetan eragitea, hegemonikoa izatea, kontzeptu nagusiak feminismotik berdefinitzea, eta azken helburu gisa euskal estatu (trans)feminista lortzea.
Ondokoak bildu ziren mahaiaren bueltan: Josebe Iturrioz (berdintasun teknikaria), Saioa Iraola (Bilgune Feminista), Ainhoa Etxaide (LABeko idazkari nagusia), Jule Goikoetxea (EHUko irakaslea), Ana Murcia eta Jeanne Roland (Garaipen taldeko kideak), eta Idurre Eskisabel (EHUko irakaslea). Bilgune Feministako kide Miren Arangurenek gidatu zuen mahai-ingurua.
Euskal estatu feminista helburu
Jule Goikoetxea: Estatu feminista, hori da helburua. Kataluniako Trantsizio Nazionalaren helburua independetzia bada, guk ere osatu behar dugu gurea, helburu zehatzak zehaztuz. Zer izango da euskal estatu feminista eta nola lortuko dugu? Baina ez 20 urtetan, baizik 5 urtetan? Epeak jarri eta bete behar ditugu. Ordua da erresistentziatik kontraerasora pasatzeko. Proposamen zehatza egingo dut: Feministen Estatu Kontseilua sortzea.
Josebe Iturrioz: Feminismoa ez da emakumeentzat bakarrik, proposamen olistikoa da eta ez da apendize bat. Munduan egon den proposamenik ia interesgarrriena da feminismoak egin duena. Alor guztiak ukitzen ditugu, pentsamendu pila bat garatu dugu, praktikak… Arazoa sorrarazten didate estatuen mugek: estatua nahi dugu, baina goazen mugaz harandi estrategia feministak garatzera.
J. Goikoetxea: Feminismoak berdintasuna bilatzen du. Eta berdintasun hori estatuaren ahalmenaren bidez inposatzen da. Adibidez, berdintasun sozioekonomikoa. Horregatik ematen diet garrantzia estatu egiturei. Boterea nahi dugu, zerbait egiteko. Egun baliabide gehien ematen dizkiguna estatua da, horregatik ez dut hitz egiten gizarte feministaz, komunitate feministaz… estatu feministaz hitz egiten dut.
Zer da feministentzat demokrazia? Edo zer ez da? Demokraziaren esanahi patriarkalak ez ditugu onartuko. Guk sozializatu behar dugu zer den demokrazia, bestela esaten digute zer den demokrazia eta guri esanahi horrek ez digu balio. Autoritatea lortu behar dugu, hau da, guk esaten badugu hau dela demokrazia, bada hau da demokrazia. Guk berdefinitu behar ditugu kontzeptuak, egia eraiki behar dugu. Egun demokraziak ongizatea esan nahi du, hemendik bost urtera demokraziak feminismoa esan nahi behar du. Hori egin daiteke eta egin behar da.
Estatugintza feministak esan nahi du estatuaren ideia feminismotik pentsatzea. Zergatik feminismotik? Feminismoa da ideologia bakarra proposamen integratzaileak egiten ari dena. Feminismoa ez da sektore batentzat, feminismoa herri osoa eraikitzeko beste era bat da.
Zer da estatu feminista? Eta zer da demokrazia feminista? Ez dago demokraziarik estaturik gabe. Zer den? Politika publiko feminista egiten duena, lege feministak egiten dituena… beti egon beharko da mugimendu edo kontrabotere feminista. Beti behar dira bi arloak. Mugimenduak egiten dituen eskaerak estatuak bere egin eta martxan jarri behar ditu. Baina erakundetzen den guztia usteltzen joaten da, horregatik behar da beti mugimendua, kontraboterea. Hau gakoa da. Beharrezkoak dira bi ardatzak, orain arte beti egon gara demokratizatzen sistemak baina kontraboteretik, eta oso motel goaz, kontrabotereak beti baliabide gutxiago dituelako, horregatik da kontraboterea.
J. Iturrioz: Asmatu ditzagun beste termino batzuk. "Estatu feminista"z hitz egiten hasi orduko feminismoa erori zaigu, estatuan zentratu gara. Goazen "transfeminismoa" erabiltzera.
Ainhoa Etxaide: Zorionak, aurreko topaketetan berdintasun teknikari pila atera zineten armairutik (denek "ni ere teknikaria naiz" esaten zenuten) eta gaur estatalistak ari zarete armairutik ateratzen. Baina baldintza batekin: estatua bai, feminista bada.
Ana Murcia: Agian beldurra izango diot estatuari? Nik behintzat duda dut estatuak existitu behar duenik. Ezadostasunerako eskubidea aldarrikatzen dut. Nik lehentasuna beste eremu batzuetan ikusten badut horri helduko diot. Nola egin emakumeak subjektu eraldatzaile bihurtzeko?
Erabakietan eta politiketan eragitea
J. Goikoetxea: Helburua litzateke estatu mailako solaskide bilakatzea feministak. Ongizate estatuan, sindikatuak solaskide ofizialak dira. Lortu behar dugu feministak izatea mintzakideak eta lege guztiak feminismotik pasa behar izatea.
Saioa Iraola: Mugimendu feministak aitortza politikoa izatea beharrezkoa da. Gainerako alderdi eta eragileekin mintzakide izateko gaitasuna lortu behar dugu.
Jeanne Roland: Nola lortu politikariek agenda politikoa talde feministekin partekatuta eraikitzea?
A. Etxaide: Subjektu politikoak izan behar gara eta erabakigarriak. Gauzak erabakitzen ari dira eta ez ditugu guk erabakitzen. Izan gaitezen zintzoak: zenbat erabaki politikotan eskatu zaio erabakia mugimendu feministari? Indarra hori da, baldintzatzeko gaitasuna izatea.
J. Iturrioz: Publikoan eserita aurpegi ezagun asko ikusten ditut alderdi politikoetan ari zaretenak, eta oso jatorrak izanik ere zuen alderdietako gizonek noraino hartu dituzte kontuan zuen proposamen feministak? Ez eman doan gure diskurtsoak gero eurek gu zapaltzen jarraitu dezaten. Esan dugu erabakitzerakoan feministoi ez zaigula alderdi politikoetatik deitzen, bada mesedez, deitu gaitzazue zuek!
Intersekzioak: klase soziala, arraza...
A. Murcia: Egiturazko aldaketak orain iritsi dira munduaren leku honetara, baina urte asko daramagu munduko beste leku batzuetako feministok horri buruzko eztabaidan eta hori da etorkin feminista askoren egoera. Helburua gizarte transfeminista multikulturala da, eta ez abangoardia bakar bat izatea, homogeneoa, zuria eta erdi mailako klase sozialena.
A. Etxaide: Ez dut ezagutzen pobrezian itotako subjektu politiko abangoardistarik. Nazkatu naiz entzuteaz "Euskal Herrian oso ongi bizi garela": mahai honetan zortzi kide gaude eserita eta oso baldintza ezberdinak ditugu. Duela 6-7 urte kristalezko sabaiaz hitz egiten zen. Orain oinarri-oinarrizko eskubideak eta bizi-baldintzak lapurtzen dizkigutela esaten ari gara, kontua da nola berreskuratu antzinako baldintzak, haiek batere onak ez zirela azpimarratuta.
J. Roland: Nazioarteko harremanak boterean eraikitzen dira eta dominazioan. Horiek kontziente egin eta mahai gainean jarri behar dira. Gu gatoz herrialde batera, zeinak urteak pasa dituen gure herrialdeak zapaltzen, eta bertako emakumeak baliatu izan dira zeharka zapalkuntza horren onurez. Nola landu diskurtso politikoa, emakume eta etorkin gisa kokatzeko, arrazismoa indarrean dagoenean? Nola agertu gezurra dela kanpoko emakumeak bertako emakumeentzat mehatxu garela, euskararentzat, lan aukerentzat… Gu euskaltzaleak eta abertzaleak gara!
Idurre Eskisabel: Amaiur berri bat behar dugu. Ahaztu epika militarra, ezpatadun gizonez marraztua, eta osatu langile prekario eta migranteekin egindako Amaiur bat. | news |
argia-dcbd50ccdeb3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/parallax-edo-hitzontzikeriaren-garaipena.html | �Parallax� edo hitzontzikeriaren garaipena | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2014-12-21 | �Parallax� edo hitzontzikeriaren garaipena
Ingalaterra, 1849. Samuel Birley Rowbotham (1816–1884) asmatzaile eta idazleak Zetetic Astronomy: Earth Not a Globe (Astronomia Zetetikoa: Lurra ez da globoa) izenburuko lana argitaratu zuen Parallax izenordez. Hasieran hamasei orrialdeko panfletoa besterik ez zena 200 orrialdera iritsi zen hamabost urte geroago, eta 1881eko azken bertsioak 430 orrialde ditu. Izenburuak dioen moduan, Rowbothamek, berak asmatutako metoda erabiliz –astronomia zetetikoa–, Lurra laua zela ondorioztatu zuen.
Parallax -en arabera, kontinenteek ozeanoan flotatzen dute, ozeanoa elurrezko eta izotzezko basamortu batek inguratzen du eta desertu izoztuaren atzean labar eskergetan amaitzen da Lurra. Lurrazalaren azpiko suari esker existitzen dira kontinenteak eta ozeano urtua. Baina su hori ez da nahikoa, nonbait, Lurraren erdian dagoen Ipar Poloaren inguruko izotzak urtzeko.
Betiere haren teoriei jarraiki, Eguzkia, Ilargia eta izarrak guregandik kilometro gutxira daude. Eguzkiak Ipar Poloaren inguruan egiten du bira, beti abiadura berdinean eta Ilargiak, lanpara bailitzan, berezko dirdira du eta erdi gardena da. Eta eklipseak? Eklipseek, Rowbothamen arabera, bazuten azalpena; kontua zen berak oraindik ez zuela aurkitu. Eta bestela, Bibliara ere jo zezakeen bere teorietarako. Finean, Bibliak azaltzen zuen Lurraren osaera: goian zerua eta behean Infernuko sua. Orduan, Infernuko suak ozeanoa urtu eta lehorreko bizitza ahalbidetu badu, ez da hain txarra izango... Parallax-en teoriek, jakina, ez zuten ez bururik ez buztanik, eta ordurako Lurra esferikoa dela aspaldi egiaztatuta zegoen. Baina Rowbothamek ez zuen hori traba izan hogei urtez ia Ingalaterra osoa ibiltzeko bere teoriak eztabaida publikoetan defendatzen. Eta eztabaida gehienak irabazten zituen, gainera.
1864ko egun batez Plymoutheko hondartzan agertu zen, Richard Proctor astronomoak jotako desafioari erantzunez. Parallax -en aurkariek zioten hondartzan ipinitako teleskopiotik hamalau miliara dagoen Eddystone itsasargiaren linterna soilik ikusiko zela, nahiz eta apur bat gorago dagoen muinotik itsasargi osoa ikusten den. Baina egun hartan linterna erdia besterik ez zen ikusten, airearen errefrakzioa ohi baino txikiagoa zelako. Edonola argi zegoen lurrazala ez dela laua, baina Parallax -ek sutsu aldarrikatu zuen espero zenarekiko desberdintasun hura bere aurkariek ziotenaren kontrako froga zela. Bertaratutako asko konbentzitu zituen.
Erretorikan trebea zen Parallax , baina aurkarien gainetik gailentzen zen ahots ozena zuen aliatu nagusi. Sinesteko gogoz zegoen publikoa ere bai. Egun hain ohikoa den hitzontzi ozenen arrakasta ez zen haren oinordetzan utzitako gauza bakarra izan. Flat Earth Society (Lur Lauaren Elkartea) sortu zuen hil baino lehen; zientziaren aurkako korronteen haztegi ezin hobea den AEBetan elkartea bizirik dago oraindik, eta milaka jarraitzaile ditu. | news |
argia-8cecc16cd712 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/herri-harresia-jone-amezagaren-ondoren.html | Atxiloketen aurkako mugimendua aurrera doa | Axier Lopez | 2014-12-21 | Atxiloketen aurkako mugimendua aurrera doa
Bere aurka bilatze eta atxilotze agindua zeukala, 20 egunen ostean, Ertzaintzak astelehenean atxilotu du azkenean Jone Amezaga errigoitiarra, ingurukoak kolpatuz eta borra luzagarriak erabiliz. Ehunka pertsonak modu batean edo bestean babestuta, ia hiru astez eraiki dute desobedientzia praktika. Elementu berriak jarri dira mahai-gainean, baita galdera berriak ere.
"Oso pozik nago hemen kanpoan, horrenbeste jenderen babesa jasotzen, eta Gernika herri libre bilakatuta". Jone Amezagaren hitzak dira, 18 egun ezkutuan eginda, larunbatean kalera atera ostean Argiari esanak. Herria kartel, zapi, puxika eta aterki laranjaz bete dute Amezagari babesa ematen ari diren herritarrek. Asteburuan ehunka pertsonaren elkartasuna jaso zuen eta, astelehenean, 70 bat lagunek inguratuta, merkatuan atxilotu dute agenteek, borra luzagarriekin ingurukoak kolpatu ostean.
Berezitasunak izan ditu kasu honek, eta horien artean, nabarmenetakoa Amezaga ez dela leku finko batean egon agertu zenetik atxilotu duten arte. Hiru gune nagusitan antolatu dituzte ekintzak, eta asteburuan zehar kasuak sona handia izan du Gernikan. Sare sozialetan ere mugimendu handia izan da.
Orain arteko beste herri harresietan ez bezala, Amezaga ez da uneoro presente izan, eta herrian egin diren bi kalejirak baliatu dituzte hiru-lau orduz ateratzeko, "Gernikan libre bizitzeko" ideian sakondu asmoz. Koloreen bitartez identifikatutako taldeak antolatu zituzten, Ertzaintza etorri izan balitz, aterkiak ireki eta bakoitza alde batera ateratzea adostuta. Gernikan izan direnek oroituko dute Tutti fruti, ekimen koloretsua. Donostiako AskeGunean zutabeak nola, hala mugitu dute Amezaga herriko leku batetik bestera.
Dinamikaren bozeramaileek adierazi zutenez, segurtasun neurriak medio, Amezagak ez du gaua kalean pasa, eta berazm bertara joandako solidarioek herriko etxe eta lokaletan egin dute lo.
Jone Amezagari 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak "terrorismoa goratu" izana leporatuta, ETAren ikurra zuen pankarta bat jarri zuelakoan. Amezagak ukatu egiten du pankarta hura berak jarri zuenik, "muntaia polizial" gisa deskribatu du eta bere jardun politikoagatik atxilotu nahi dutela salatu du.
Kasua salatzeko Jone Libre plataforma sortu zuten Gernikan orain urtebete. Ordutik herrian informazioa zabaltzeaz gain, behin atxiloketarako agindua iritsi denetik, beste dimentsio bat hartu du gaiak. 100 pertsonatik gorako asanbladak egin dituzte, atxikimenduak lortu, hamarnaka bideo sareratu dituzte...
Ertzaintzarekin haserre familia
"Kasu hau hasiera-hasieratik ertzainek osatua izan da, hori da tristeena". Joneren ama den Itziar Amezaga haserre da Eusko Jaurlaritzarekin. "Erabat prefabrikatua izan da, ertzainek eraman dute kasua Espainiako Auzitegi Nazionalera eta gero eskua sartu dute zigor hori gauza dadin". Argiaren webgunean bideoz ikus daitekeen elkarrizketan gehitzen dute Jonan Fernandez Bakea eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak Espainiako aipatu auzitegia desagertzea eskatu duela. Haserrea nabarmena da: "Hori eskatzea ongi dago, baina Jaurlaritzak ez dezala baliatu euskal herritarrak epaitzeko".
Angela Murillo epaileak Jone Amezagaren atxiloketa Guardia Zibila eta Espainiako polizia nazionalari agindu bazien ere, Ertzaintzak jarrera aktiboa hartu du. Ertzaintzako inteligentzia zuzendariak argi utzi zuen herri harresiak saihestu nahi dituela, horretarako Auzitegi Nazionalari aldaketa legalak egiteko eskatu behar badio ere, Argiak publiko egin zituen dokumentuetan irakur daitekeenez.
Donostiako AskeGunetik Jaurlaritzari Ertzaintza ez bidaltzeko eskatu zitzaionetik, urte eta erdi igaro da. Polizia autonomikoa bidaltzeaz gain, berari eskatu gabe ere Ertzaintzak herri harresien aurkako jarrera hartu du. Txosten honek herri harresiak eszenatoki politikoan eragiteko tresna eraginkorrak direla agerian utzi du.
Halaber, Loiolan eta Deustun ez bezala, asteburuan Jone Amezaga kalera atera eta Ertzaintza ez zen unean bertan agertu, Espainiako justiziak agindutakoa betetzera. Hori bertan bildutako askoren elkarrizketarako gaia izan da. Ertzaintzak ba al zuen planaren berri?
Mugimenduak atxiloketen aurka
Gernikako kasuak eremu politikoan mugimenduak eragin ditu. Busturialdeko Hitzak abenduaren 12an argitaratu zuenez, ertzain batek Jone Amezaga espetxeratzeko ebazpena bertan behera uzteko eskatu du, hainbaten artean. Eskualdeko hainbat udalek ere adierazpenak onartu dituzte, horietako batzuetan EAJren aldeko botoekin.
Desobedientziaren aldeko mugimenduaren barrenak ere mugitzen ari dira. Azken hilabeteetan Eleak eta epaiketa politikoen kasuak gertutik bizi dituzten herrietan Libre lantaldeak elkarrekin dinamika bateratu bat sortzeko bilerak egiten ari dira. Prozesu horretan parte hartzen ari den kide batek ARGIAri jakinarazi dionez "Herri harresien fenomenoak jendearengan gaur egun pizten hain zaila den ilusioa eta grina eragiteko gaitasuna du". Bere ustez desobedientziak borroka molde gisa jendea "betetzen" du. "Epaiketa politikoei aurre egiteaz gain, herritarrak aktibatzen ditu eta asmatuz gero, zenbait esperientzetan ikusi dugun bezala, gizartearen beste sektore batzuk erakartzeko gaitasuna du".
Pixkana birdefinitzen ari dira Libre dinamikaren nondik norakoak, forma eta norabidea desobedientzia zibilean eta ekintza partehartzaileetan, "eskema alderdikoietatik aldenduta".
Galdera berri batzuk
Espainiako Gobernuaren eta Auzitegi Nazionalaren jarrera ikusita, ba al dago atxiloketekin amaitzerik inoiz desobedientzia planteatu gabe?
Gizartea aldatu nahi dutenen artean, betiereko eztabaida da lehentasuna herri mugimenduetan jarri behar dela uste dutenen eta instituzio ofizialetan jartzearen aldekoen artekoa. Zein joera da nagusi egun Euskal Herrian? Tendentziak nora doaz?
Segura eta herriko tabernen auziek zer bide hartuko dute?
Epaiketa politikoen kasuetan, politikoki eragiteko herri harresia baino ekimen eraginkorrik ba al da?
Ertzaintzak herri harresiak eragotzi nahi ditu nola edo hala, horretarako Auzitegi Nazionalari bide judizial berriak irekitzeko eskatu behar badio ere. Zenbaterainoko babesa du Ertzaintzaren jarrerak euskal gizartean? Eta jeltzaleen artean? | news |
argia-18b1f22178a3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/sator-pilak.html | Sator pilak | Jakoba Errekondo | 2014-12-21 | Sator pilak
Satorra azpilanean ari da. Hara, hona, lagun bila ibiliko da satortxo berriak sorrarazi eta ugaltzeko. Bidean zizareak bilduko ditu. Satorrak batez ere zizareak jaten ditu. Bere txistuak pozoi antzeko bat du eta hil gabe zizareak sorgortu eta geldirik manten ditzake. Habi aldamenetan zizare biltegiak egiten omen dituzte; mila zizaretik gora dituztenak ere aurkitu omen dira. | news |
argia-5a964d03864b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2442/telebista.html | Ume nafarren marrazkiak ez dira euskaraz mintzatzen | Ander Perez | 2014-12-21 | Ume nafarren marrazkiak ez dira euskaraz mintzatzen
Nafarroan ETB1 sare analogikoan baino ezin da ikusi. ETB3, horrela ere ez. Arazoa ez da nolanahikoa, azken urteetan hirugarren katean pilatu baititu euskal telebistak haurrentzako eduki gehienak. Imitazioa funtsezko elementua da umeen heziketa prozesuan; marrazkiak, orain, gaztelaniaz imitatzen dituzte.
Telebistaren boterea inork gutxik zalantzan jartzen duen auzia da. Teknologia berrien agerpenak eta hedapenak ez du zalantzan jarri pantaila txikiaren kontsumoa. Nafarrek, batez beste, 214 minutu ematen dituzte egunero telebista aurrean, 3 ordu eta erdi pasatxo, alegia. Tarte horretan, telebistak, masa hedabide boteretsua den heinean, nahi beste mezu, balore eta ideia zabaltzeko aukera du. Baina jarrera sozial eta ideologiko zehatzak hegemoniko bihurtzeko gaitasuna duen bezala, telebista tresna boteretsua da hizkuntzen garapen eta normalizazio prozesuetan ere. Komunikazio ohiturak zehaztu ditzake, hala nola hizkuntza formula berriak indartu eta normalizatu, esamolde eta kontzeptu berriak, kasurako. Fikzioan, zer esanik ez: hizkuntza komunitate baten parte denarentzat mundu sinboliko propioa eratzen du, pantailako istorioetako pertsonaiak bere hizkuntzan ezagutu eta entzuten baititu.
Euskara, noski, ez da salbuespena. Eusko Jaurlaritzak 2008. urtean argitaratutako txosten batek hala dio: "Telebista da gaur euskara zabaltzeko tresnarik egokiena. Hiru arrazoirengatik: etxe guztietan dagoelako, gehien-gehienok ikusten dugulako, eta euskara gutxi edo batere ez dakitenek ere medio horrekin harremana eduki dezaketelako, nahiz eta produktua euskaraz izan". Nafarroan, ordea, euskarazko telebista ikusi ahal izatea, ahalegin berezia eta neketsua eskatzen duen praktika da.
Hizkuntz Eskubideen Nazioarteko Adierazpenak eta Europako hizkuntza gutxituen kartak jasotako eskubidea izanagatik, Nafarroako Gobernuak behin eta berriro egin dio uko euskarazko komunikabideak bultzatu eta bermatzeko betebeharrari. UPNren ukazioaren ondorioz, ETB1 eta ETB2 kateak sistema analogikoan baino ezin dira ikusi. Aparatu gehienek Lurreko Telebista Digitalerako sistema barneratua duten garaian, kableak aldatu behar izaten dira sistema analogikoa sintonizatzeko. Interes berezia beharko du, beraz, ETB1 ikusi nahi duenak. ETB3ren kasuan, hori ere ez; internet bitartez baino ezin da ikusi. Kaltea ez da nolanahikoa, euskal telebistak hirugarren katean pilatu baititu azken urteetan umeentzako eduki gehienak. Borobilduz, sofan eseri eta telebistan euskarazko marrazki bizidunak ikusi ahal izatea errealitate urruna da Nafarroako haurrentzat.
Euskaltzaindiak Paula Kasaresen Euskaldun hazi Nafarroan doktorego-tesia aurkeztu berri du liburu gisara. Ikuspegi soziologikotik, soziolinguistikotik eta antropologikotik hizkuntzaren transmisioa ikertu du Kasaresek; horretarako Iruñea zein Iruritako gurasoak mintzakide izan ditu azterketa osoan. Adierazi duenez, gurasoek behin eta berriro azaldu dioten kezka da euskarazko telebistaren gabeziarena. Hizkuntzaz jabetzeko bitarteko bat kendu zaie haurrei, bere hitzetan. Eta kentzeaz gain, gaztelaniazko ereduetara egin dute salto, gaztelaniazko marrazki bizidunetara. Herri euskaldunenetan ere gaztelaniazko esamoldeak erabiltzen hasi dira haurrak, telebistako erreferentziak errepikatuz. Kasaresek gogoan du Baztango irakasleek kontatutakoa: Umeak "Hola Caballero" esaten entzuten zituzten, esaldi hori Bob Esponjak esaten zuen esaldia zela konturatu arte. Berak dioenez, haurrek "telebistan jasotako inputak haien joko sinbolikoetara eramaten dituzte".
Izan ere, Oskar Zapata Topaguneko Nafarroako arduradunak dioenez, "frogatuta dago haurren ikasketa prozesuan, imitazioa funtsezko elementua dela. Ikusi eta entzuten dutena imitatzen dute". Eta pertsonaia kuttunenak gaztelaniaz entzuten badituzte, gaztelaniaz imitatuko dituzte. Egoera gertutik ezagutzen du Edurne Ruiz altsasuarrak. Bi seme-alaben ama da, eta etxean bizi izan ditu haurrentzako euskarazko eskaintzaren eskasiaren ondorioak: "Haurrak euskaraz hazi nahi ditugu, kanpoko egoeratik, erdaratik, babestu eta burbuila batean sartu, baina egoera zaildu zaigu". Telebistako gabeziari aurre egin izan diote etxean, euskarazko DVDak erosi eta pelikulak jarriz. Baina ez da nahikoa: "Adin batera iritsita, klaseko gainerakoek ikusten dutena ikusi nahi dute".
Antzeko egoera bizi du Saioa Ziritzak. Iruñean bizi da, eta bi alaba ditu. Azken urteetan haurrentzako euskara "hutsaren hurrengo bihurtu dela" dio, gaztelaniazko kateak ugaldu diren bitartean, euskarazkoak bere horretan geratu direlako. Ruizek bezala, euskarazko edukiak etxera ekartzeko apustua egin dute, besteak beste, interneten eskaintzen diren euskarazko marrazki bizidunak ikusiz. Hala konturatu dira "garai batean bertako ekoizpenaren alde apustu handia egin zela (Lazkao Txiki, Pernando Amezketarra...), kalitatezkoa, bertako pertsonaia edo kultura erreferentziatzat zuena". Gaur egun, ordea, "ez da horrelakorik ikusten. Doraemon eta antzekoak etengabe errepikatzen dituzte". Arazo bakarra, beraz, ez da euskarazko telebista ikusteko zailtasuna. Bere ustez, arazoa ez da konponduko gaztelaniazko kateei muzin egin eta haurrei ETB ikustera derrigortuz: "Euskarazko eskaintza handitzen eta hobetzen ez den bitartean jai dugu".
Argi izpiak
Xaloa Telebista aurki hasiko da Iruñerrian –eta seinaleak laguntzen badu, inguruko eskualde batzuetan– emititzen, euskara hutsean. 2013ko LTD kanalen esleipenera aurkeztu zuten proiektua, eta lizentzia eskuratu dute. Albistea "pozgarria" izan dela diote, baina "baita kezka iturri handia ere". Izan ere, hedabide garestia da telebista. Horregatik, crowdfunding kanpaina jarri dute martxan, emititzen hasteko behar dituzten 50.000 euroak eskuratzeko.
Udalbiltza, Tokikom eta Topagunea bide horretan laguntzen ari dira Xaloa Telebista. Besteak beste, edukien programazioan lagundu nahi dute. Arlo horretan, Topaguneko Zapatak dioenez, hasieratik argi izan dute haurrak "lehentasuna" direla, "haientzat hedabide errazena eta erakargarriena delako telebista". Horregatik, marrazki bizidunak erosteko prozesuan ari dira, buru-belarri.
Finean, umeentzako euskarazko eskaintza izatea "funtsezkoa" dela uste du Zapatak, are gehiago Iruñerrian: "Haurrak erdaran murgiltzen dira, erdararekin dute harreman nagusia. Are gehiago, askok eskolan izaten dute euskararekin lehen harreman eta bakarra, eta hor pasatzen duten denbora oso mugatua da. Lehen Hezkuntzako umeek euren denboraren %15 pasatzen dute eskolan. Beraz, argi dago klasetik kanpo euskaraz bizitzeko aukerak izan behar dituztela". Bide horretan, nahikoa ez izanagatik, argi izpia ekarriko du Xaloa Telebistak. Nahiz eta, Zapataren iritziz, horrek ezin duen ETB bere osotasunean eta LTDn ikusteko exijentzia mugatu: "Batak ez du bestea kentzen". | news |
argia-77a7155dcb35 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/ni-neu.html | Ni neu | I�aki Murua | 2018-04-22 | Ni neu
Niak maiz eskatzen dit "teknologia"-n eguneratuago egoteko: Iphone-aren azken bertsioa erosita beharko nuke eta auto berria, bigarren eskuko ia 350 mila kilometro dituen horren ordez!
Neuk erabakitzen dut, ordea, eta mugikorra 2.0 izanagatik eta modelo zaharrena, balio didala erabaki dut. Gauza bera autoarekin, eskua hartua diot eta ezagutzen ditut bere zirrikitu gehienak, akatsik ohikoenak, eta abar. Teknologia gure aurretik joatea aspalditxo onartu nuen, baina egunero erabili behar izaten dudan teknologia, ahal badut, ezagutu eta menperatu nahi dut. Aurretik joatea bat da eta aurrean hartuta berak nahi gisara eramatea bestea. Behin gure auzo herriko batek, garai hartarako oso aurreratua zen erloju digital bat erosi zion saharar bati eta, haserre bizian hau bota zigun koadrilan: "Hala esan zidan [saharar saltzaileak]: 'honekin dutxatu ere egin zaitezke!'. Ba, dituen botoi denak behin eta berriz sakatu arren, ez du ur tantarik ere botatzen! Kabroia halakoa, harrapatzen dudanean…".
Niak "osasun" alorrean izugarri estutzen nau, inon diren birus eta bakterietatik isolatuta, erlojuaren eta pastillen mende; medikuak, lagun minenak zer aginduko; ezagun piloak, bakoitzak bere sendagile hoberena bisita dezadan edo mirarien pareko tratamenduak egiten has nadin…
Neuk, berriz, aholku denak intentzio hoberenez eginak direla pentsatuz, errespetu osoz entzun eta sendagileen helbideak eta txartelak patrikaratuz eskertu eta pentsatu ohi dut, beste gabe dirua dugulako, kontsulta horiek denak bisitatzea eta diagnosia entzunik hainbeste tratamendu egiten saiatzea, ez litzatekela justua izango. Burutik jota bukatzeko arrisku galanta! Eta aseguru on horietakoa badaukazu, gainera, bizirik baino hilda ia-ia gehiago balio duzula otuko balitzaizu…
Horiek horrela, entzun beharko diozu betikoa eta betirakoa dirudien, mahaspasa bezain ximel bizi guztian ezagutu duzun amonari "hemen norbera da bere buruaren medikurik onena".
Niak "denbora" niretzat hartzeko eskatzen dit besteentzat hainbeste aritu gabe!
Baina neuk badakit ez dudala denbora bat niretzat eta beste bat besteentzat. Denbora bakarra baita. Beraz, besteentzat sortzen eta lortzen ari naizen denboran, ni neu ere elikatzen naiz, besteak hobetzen ikusteak ni neu hobeto sentiarazten bainau!
Zenbat eta ni neuago eta neu niago, orduan eta geuago sentitzen ditut ingurua eta ingurukoak. Gutik ikusi, sentitu, bizi nahi dut nia ere, ahal dudan neurrian eta onartzen zaidan mailan. Horrela entrenatu naiz/naute!
Denbora faltarik ere ez dut izango, gainera, egungo euskaldun berrienei esker. Hau mauka! Gu denbora pasa ibiltzen ginen zereginik ez eta, hauek denbora egiten aritzen dira. Eskerrak! Badut denbora zernahitarako! | news |
argia-e00056df76b0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/cost-killing.html | Cost-killing | Katixa Dolhare-Zaldunbide | 2018-04-22 | Cost-killing
Kontzeptu eta lan arlo berri bat deskubritu dut egun hauetan, etorkizun handikoa omen: cost-killing deitzen da. Cost-killers ak aholkulari bereziak dira, enpresei proposatzen dietenak beren behargabeko xahupenak hesitzea eta deuseztatzea, edo berdin ere beren errezetak optimizatzea. Hots, performantzia ekonomikoan aditu paregabeak omen dira cost-killers ak.
Maleruski, fama txarra dutela deitoratzen dute, jendeak uste duelako horien azterketen ondorioz direla hainbat hilabete sari apaldu, edo hainbat enplegu desagerrarazi. Usteak erdi ustel, diote cost-killersek: ez dituzte langileak erasotzen, baizik eta nagusiei laguntzen enpresak hobeki kudeatzen. Beren fede onaren aldeko elkarrizketa eta artikuluak irakur- eta entzungai dira hedabide berezituetan. Usteak erdi sano, dute adierazi alderantziz Carrefour multinazionaleko greba egileek joan den hilabetean, cost-killing metodoen ondorio zuzenak jasanik esplotatuak direlakoan.
Beldurgarriena haatik da, ene ustez, irakaskuntza eta osasuna arloetan ere nagusitu dela cost-killinga . Urtez urte lan baldintzak okertuz doaz, urtez urte administrazioak ulertarazten digu langileria beste edozein parametro gisa hartzen duela, beste edozer gisara arrazionalizatu daitekeena: honi lan karga emendatuko zaio, horri paga murriztuko zaio, horrek berea egina du eta botako da. Aurretik finkatu estatistiken arabera behar dira eskola azterketak gaindiarazi edo gainditu, eri-etxeetan artamenak segitu ala ez. Irakasle, artatzaile, ikasle edo erioi esplikatzen digute gutako bakoitza zenbat kostatzen zaion Estatuari, eta zenbateraino gure buruaren sakrifikatze beharra duen gizarteak. Bereziki baserri aldeko gune "zokoratuetan" bizi gaudelarik, nolaz ez.
Enpresari edo egitura publiko zenbait hasi dira, halere, "lanean ongizatearen" aldeko jardunaldiak antolatzen. Baina gehienetan, ez jendetasunez, bai performantzia, optimizazioa eta arrazionalizazioaren izenean. Euskal Herrian ere horrelako kanpainak ezagutu ditugu duela zenbait hilabete: "Nahi duzu zure enpresaren emaitza hobetu? Gogoan izan langileen ongizatea lanean!". Bistan da zoriontzekoa dela langileen oinaze fisiko eta psikologikoei adi egon daitezen manatzaileak, baina oldargarria da sistema kapitalistaren izenean gertatzea, eta ez jendetasunaren izenean. Ongizatea bera cost-killing aren xede bihurtua da, hondarrean kapitalismoaren eragin suntsigarrien onetan.
Cost-killers batzuek, halere, barne etika edo kuraia aski badute lanbidez arrunt aldatzeko. Kanaldude herri telebistan ari den Pantxika Maitiak plazaratu du egun hauetan Ta qué canté era montanha ( Mendiak kanta dezan ) dokumentala, Barétous, Aspe eta Ossau ibarretako laborantzaren etorkizunaz. Horretan agertzen da gizon bat, 35 urte arte Bordelen finantza-aholkulari zena; lana zuen jende biziki aberatsen zergak apaltzen laguntzea. Bat-batean, dena utzita artzain plantatu zen Biarnon, diru, trebetasun eta integrazio arazo guziei aurre eginez. Filmean, negarrak heldu zaizkio bere hautua azaltzean: bere bizitza irrazionalki desbideratu zuen, bere barne sentimenduak eta behar intimoenak entzunez, askatasun, maitasun, bake eta egiazkotasun gosez. Hots, bizitzaren gozatzeko gogoz.
Gisa horretako iniziatiba pertsonaletatik at, ea ba kolektiboki erran diezaiegun lehertzen gaituen sistema kapitalistaren sostengatzaileei: stop killing! | news |
argia-caa8c2c503f9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/leticia-dolera-sororitatea-aldarri.html | "Feminismoa ez dago gizonezkoen kontra, baizik eta patriarkatuaren kontra" | Saioa Baleztena | 2018-04-22 | "Feminismoa ez dago gizonezkoen kontra, baizik eta patriarkatuaren kontra"
Bere burua "aktore, zuzendari, feminista eta zonbi-hiltzaile" definitzen du Leticia Dolerak (Bartzelona, 1981). Antzezle gisa ibilbide luzea egin ondotik, 2015ean zuzendu zuen bere lehendabiziko filma eta otsailaren hondarrean publikatu zuen Morder la manzana (Sagarra hozkatu), liburua.
Noiz eta nola erabaki zenuen Morder la manzana liburua idaztea?
Feminismoarekin nuen konpromiso pertsonaletik jaio da Morder la manzana, prozesu natural baten ondorioz. Hein batean hondar ale bat jarri nahi nuen, gaurko gizartean hain beharrezkoa den mugimendu honetan.
Zein da liburu honen jomuga?
Feminismoaz asko irakurri dut azken urteetan. Pertsonalki, Nuria Varela, Ana de Miguel, Kate Millet edo Barbijaputaren liburuak ezinbestekoak izan zaizkit begiak ireki eta patriarkatuan nagusi diren genero desberdintasunaren arrakalak ulertzeko. Idazle horiek guztiek irakurle zehatz bat dute eta pentsatu nuen nik beste irakurle mota batengana iristeko aukera nuela. Azken finean, geroz eta ahots gehiago elkartu, orduan eta jende gehiagorengana iritsiko gara.
Liburuan sarri deitzen duzu gizonezko irakurleen arreta.
Noski, borroka hau eurena ere badelako. Liburuak balio du batetik, feminismoarekin lotura gehiegirik ez duten emakume askorentzat, azaltzen dudan errealitateekin identifikatuta sentitu eta euren kontzientzia pizteko. Baina, bestalde, garrantzitsua iruditzen zitzaidan gizonezkoen interesa erakartzea, gure azalean jarri eta emakumezkoen intimitateetara gerturatzeko aukera emanez.
Zer deritzozu gizonezkoek feminismoan duten partaidetzaz?
Baikorra naiz. Uste dut arazoa sarri izaten dela feminismoaren mamia ez ulertzea. Matxismoak feminismoa galarazi nahi izan du azken hamarkadetan, feminismoa gizonezkoekin haserre dauden emakumeen borroka gisa marraztuta. Horregatik kontzeptua argitu beharra dago: feminismoa ez dago gizonezkoen kontra, baizik eta patriarkatuaren kontra.
Aurtengo zinema jaialdietan tartea hartu du feminismoak. Zein da hemendik aurrera erronka?
Zinemagintzak bakarrik ez, kulturak aitzindaria izan behar du gizarte aldaketetan. Ezinbestekoa da kontakizun anitzagoa eraikitzea eta, horretarako, funtsezkoa da kameren atzean begirada gehiago sustatzea, tartean emakumeona: gizartearen erdia bagara, adimenaren eta irudimenaren erdia ere bagarelako da. Kontakizun kulturala aberastea da hurrengo urratsa.
Argazkia: Jordi Borrás
Eraso sexisten kontrako borrokaren ikurra bilakatu zara, beste hainbat aktore bezala. Zerbaitetan aurreratu al dugu?
Hollywoodeko indar mediatikoari esker, bortxaketen isiltasunaren kultura hausten hasi gara. Hori urrats garrantzitsua da, isiltzen dena ez baitago eguneroko agendan. Orain ikusi beharko da zer egiten dugun hemendik aurrera. Izan ere, biktimen sinesgarritasun ezak indar gehiegi du gaur gaurkoz.
Salaketa ez da sekula erabaki erraza. Behar al da protokolo berririk?
Zalantzarik gabe. Ni ez naiz honetan aditua, baina, funtsezkoa da biktimek halako gertakariak salatzen dituztenean duten zaurgarritasunarekin amaitzea. Izan ere, oso zaila da zure nagusia salatzea, are gehiago emakumea bazara.
Zinemagintzak elikatzen al ditu patriarkatuaren rolak?
Ohikoa da profil zehatz bateko emakumeak bilatzea: ederrak eta sexiak. Gurean, gainontzeko ogibideetan bezala, patriarkatuan nagusi diren patroi berak errepikatzen dira. Zoritxarrez, lan elkarrizketa batera doan emakumeak puntu gehiago izango ditu nagusiaren erabakian, erakarpena badago.
Nola aldatu daitezke patroi horiek?
Kultura eta komunikabideen bitartez. Ohikoa da hedabideetan agertzen diren pertsonaia publikoen artean gizonezkoak ile-zuridunak, zaharrak eta zimurdunak izatea. Emakumezkoek, aldiz, beti izan behar dute ederrak eta gazteak. Kontakizun honen bitartez hedabideek helarazten duten mezua da emakumea eta boterea uztartzeko, edertasuna ezinbestekoa dela. Komunikabideen papera ezinbestekoa da. Eta berdin gertatzen da kulturarekin.
Eta hezkuntzak zein toki du guzti honetan?
Noski, hori ere ezinbestekoa da. Kontuan hartu behar da DBHko liburuetan agertzen diren pertsonaien %7,5a bakarrik direla emakumeak. Gaztetxoak garenetik dugu rolen banaketaren presioa, eta horrek gure autoestimua zigortzen du. Erreferenteak lapurtu dizkigute eta, ondorioz, bidea irekitzea zailagoa zaigu.
Sarri pertsonaia publikoek beldurra izaten dute zurea bezalako aldarrikapenetan murgiltzeko. Zuk izan al duzu beldurrik?
[Isiltasuna] Uste dut marra gorria dagoeneko zeharkatu dudala… [irriak] Besterik gabe, nire ogibideak eman didan bozgorailua erabiltzen ari naiz feminismoa bezalako aldarrikapen justu baten alde. Beraz, zintzoki, ez dut orain arte ondorioetan pentsatu. Nik dakidanagatik, kulturan murgilduta gaudenok adierazpen askatasuna defendatzen dugu eta,beraz, baita askatasun ideologikoa ere. Beldurrarekin ez gara inora iritsiko, gizartean merezi dugun tartea aldarrikatzeko garaia iritsi da. | news |
argia-ef21ac7bbd57 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/a-b-d-ereduak-ikastetxean.html | Segregazioa elikatzen | Miel Anjel Elustondo | 2018-04-22 | Segregazioa elikatzen
EAEko ikasleek ez dute lortzen; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatu eta gaztelaniaz moldatzen dira, baina erdiak euskaraz ez. Hau da, A, B, D... letra zopa ereduak ez duela lortu gazteak elebidun izatea. Aitor Idigoras Steilaseko kideak ikastereduei buruzko eztabaida landu du eta beste hainbat faktorek eragiten duten ikasleen arteko segregazioaz ere aritu gara.
Eusko Jaurlaritzak EAEko Hezkuntza Legea aldatzeko eztabaida-prozesua abiatua duen garaian, iragan urtarrilean, Hezkuntza esparrua eta euskalduntzea EAEn (1983-2016) ikerketa-lana aurkeztu zuten Euskal Herrian Euskarazek eta Aztiker Soziolinguistika Ikerguneak. 1982ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea eta ondoko 138/1983 Dekretua indarrean sartu zirenetik oraingo egunera arteko bidea aztertu zuten delako lanean. 35 urte dira EAEko hezkuntzan irakastereduen sistema ezarri zenetik, eta besteak beste, ikerketaren egileek sistema horren emaitzak baloratu nahi izan dituzte. Ondorio nagusiari dagokionez, jira eta buelta ibili gabe esan dute: irakastereduen sistemak porrot egin du.
Porrota
"EAEn irakastereduak indarrean egon diren 33 urteetan [2016 urte arteko datuak eskuetan], 1978-2001 urteen artean jaiotako 206.263 herritarrek derrigorrezko hezkuntza amaitu dute euskara maila nahikoa lortu gabe. (…) Hain zuzen ere, derrigorrezko hezkuntza garaia euskara ezagutu gabe edo nahikoa ezagutu gabe hasi zuten 409.031 herritarren % 50,43ak". Asko dira, beraz, euskaraz ez dakitenak. Aldiz, guztiek dakite gaztelaniaz, irakurtzen, idazten eta hitz egiten.
Ondorioak bistakoak dira. Lehenik, euskaraz ikasi ez dutenak dira kaltetu, A edo B ereduan aritu direlako, jakinda eredu horiek ez direla gai ikasleak euskalduntzeko: "Euskara ezagutzeko eskubidea urratu zaie [herritar horiei], hezkuntza legeak berak ere ezartzen duena bete gabe". Izan ere, 1982ko Legearen arabera, euskara eta gaztelania menperatu beharko zituzketen ikasle guztiek derrigorrezko hezkuntza bukatu aitzinetik, delako legearen 17. artikuluan idatzirik ageri denez: "Jaurlaritzak, derrigorrezko ikastaldia bukatzerakoan ikasleek, aukera berdinetan, bi hizkuntza ofizialak benetan erabiltzeko adina menperatuko dituztela ziurtatzera bideratutako neurri guztiak hartuko ditu; halaber, euskal giroa ziurtatuko du, euskara [ikastetxeetako] barne- nahiz kanpo-jardueretan eta administrazio-ekintza eta -dokumentuetan ohiko tresna bihurtuz".
Ikerketaren egileek Eusko Jaurlaritzak 35 urtez prebarikatu duela salatu dute, eta adierazi euskarazko irakaskuntzak herri ekimenari eta familien hautuari esker egin duela aurrera. "Eusko Jaurlaritzaren politikak aztertuta, ez da egon borondate politiko zintzorik ikasle guztiak euskalduntzeko. Bestelako interes politikoek gaina hartu diete herritar horien euskara ezagutzeko eskubideari".
EHE-Aztiker ikerlana:
"EAEn irakastereduak indarrean egon diren 33 urteetan, 1978-2001 urteen artean jaiotako 206.263 herritarrek derrigorrezko hezkuntza amaitu dute euskara maila nahikoa lortu gabe"
Dena den, prebarikazio salaketa gorabehera, bada bestelako ondorio larririk ere: "Irakastereduen ondorioz ikasleen arteko segregazioa elikatu da hamarkadetan", hezkuntzaren egiteko nagusietakoa gisa guztietako segregazioak galaraztea eta herritar guztiei –eta ikasle guztiei, kasu honetan– aukera berdintasuna eskaintzea den arren. "Datuen gordintasunak eta eguneroko esperientziak argi adierazten digute irakastereduen sistemak segregazioa elikatzen duela. (…) Ereduen araberako banaketa bereizkeria sortzeko tresna izan da hamarkadetan". Bitariko bereizkeria, ikerketaren egileen esanetan: derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasleek hizkuntza ezagutza ezberdina izateak ezberdintasuna eragiten duelako, batetik, eta bestetik, ereduen araberako klase eta ikastetxeen arteko bereizkeria sortzen delako. Eta zerutik jakina denez, toki askotan etorkinen seme-alabak A ereduko matrikulazioaren kopuru handiena dira. Alegia, ez dago klase edo ikastetxeen arteko banaketa orekaturik. Helburu ere ez da.
Irakastereduak izozmendi
Orain baino lehen ere hamaikatan jarri izan dira ezbaian irakastereduak. Ez dute euskararen irakaskuntza bermatzen. Steilas sindikatuko kide Aitor Idigorasek gogoeta egin du: "Eredu linguistikoek EAJren eta beste zenbait eragile politiko eta sozialen eskaerari erantzun diote, hain zuzen arazoaren muinean dagoen kontuari: familiek beren seme-alabentzat hezkuntza modeloa eta hizkuntza eredua aukeratzeko duten eskubideari". Paradigma neoliberaltzat jo du Idigorasek: "Administrazioak aukera berdintasuna bermatzeko obligazioa dauka, baina, horren gainetik, nahi duen hezkuntza eta hizkuntza aukeratzeko eskubidea aitortzen dio familiari. Horixe da eredu linguistikoak ez aldatzeko sakoneko arrazoia". Alegia, horrela nahi duen familiari, A eredua aukeratzeko eskubidea bermatu behar zaio. "Eta bitxia da, A ereduan maila apaleneko familietako seme-alabak biltzen dira, baina baita maila gorenekoak ere". Jakina, A eredu dira biak, baina ez dute A letra horixe besterik partekatzen. "Goreneko horien A eredua malgua ohi da, ingelesa sartzea errazten duena, adibidez". Atzerriko hizkuntza adibide Idigorasen gogoetan, eta atzerriko hizkuntzaren sarrera indartsua ondorio Euskal Herrian Euskaraz eta Aztikerren ikerketan. "Une honetan, haur eta nerabe askok ordu gehiago igarotzen dituzte ingeles hizkuntzarekin harremanetan euskararekin baino. Eskolaz kanpoko jarduerak, kultur kontsumoa, akademiak eta beste kontuan hartuta [ingelesa hobetzeko atzerrira bidaiak], herritar askok astean zehar ordu dezente igarotzen dituzte ingelesean murgilduta". Behin eta berriz eta askotan, euskara –alegia, euskaldunak– galtzaile, euskara ikasgai zehatz batzuen hizkuntza besterik ez baita.
Sakonean
Ereduen gaineko eztabaida sinplifikatu egiten dela uste du Idigorasek. "Ez zaio sakoneko arrazoiari heltzen. Familiak ikastetxea aukeratzeko eskubidea du, baina eskubide hori gauzatzeko osagai ezinbestekoa da eredu linguistikoa. Ume guztientzako eredu komun bat bermatu beharko luke Administrazioak, curriculum eta araudiek jaso beharko luketen gutxienekoa, zentralizatuta beharko lukeena".
Beste korapiloa ikastetxearen autonomia dela uste du Idigorasek, delako autonomia horren izenean, hezkuntza sistema desarautzen ari da. "Paradigma neoliberal hori abiapuntu hartuta –hau da, familiek ikastetxea aukeratzeko duten eskubidea–, sistema desregularizatu egin nahi da. Administrazioa hezkuntzaz gero eta gehiago arduratu beharrean, gero eta gutxiago arduratzera igarotzen ari gara. Horixe da diskurtsoa, eta ikusten ari garena: Administrazioa arduraz gabetzen, ikastetxeak erantzukizunez betetzen". Autonomiaren izenean, betiere. Eta delako autonomia horrexen izenean, besteak beste, "ikastetxe bakoitzak nahi duen eredu linguistikoa aukera dezan baimentzen". Eta, bide horretan, baita ikastetxe publikoko zuzendariak bertako langileak kontratatzeko eskumena izatea ere...
Aitor Idigoras, Steilas:
"Ez zaio sakoneko arrazoiari heltzen. Familiak ikastetxea aukeratzeko eskubidea du, baina eskubide hori gauzatzeko osagai ezinbestekoa da eredu linguistikoa. Ume guztientzako eredu komun bat bermatu beharko luke Administrazioak, curriculum eta araudiek jaso beharko luketen gutxienekoa, zentralizatuta beharko lukeena"
Desarautze horren ondorio da, esaterako, ingelesak dena delako ikastetxearen proiektuan izan dezakeen presentzia. Idigorasek gaztigatu gaitu: "Duela bi hilabete onartutako dekretua duzu! D ereduko ikastetxeak ingelesa nahi besteko ikasgaietan erabil dezake, hizkuntza ardatz gisa. Beraz, ereduak aldatu dituzte. Eredu linguistikoak aldarazi dituzte, zenbait ikastetxek ingelesa nahi duten moduan ezar dezaten. Eta badira H eredua asmatu duten institutuak". Hein batean, alarma jo du Steilaseko kideak: "Euskarak orduak galdu ditu leku askotan. Bertan behera geratzen ari da ikastetxe eta gela askotan".
Segregazioa
Irakastereduak izozmendiaren punta baino ez dira, Idigorasen gogoetari jarraiki. Matrikulazioa da koxka. "Administrazioaren aurrean izan beharreko erantzukizunari dagokionez, parametro berdinetan jarri nahi dituzte sare publikoa eta pribatua. Eskuineko alderdi politikoek eta beren burua aurrerakoitzat duten mugimendu askok horixe aldarrikatu izan dute, modu deigarrian, Euskal Herrian. Steilasi ulertezina egiten zaio. Arazoaren muinari, aldiz, matrikulazio kanpainari, ez dio heldu nahi Eusko Jaurlaritzak".
Hezkuntza sistemara sartzeko matrikulazioaz ari eta iruzur hitza darabil Idigorasek Administrazioaren jokabidea definitu nahirik. "Haurra ikastetxean matrikulatzeko, dela sare publikoan nahiz pribatukoan, bakarra da araudia, baina bakarra izanagatik ere, Administrazioak bi agindu atera ohi ditu, desorekak sortuz". Eta, menturaz, betikotuz. "Sare pribatuan, 0-2 urteko gelak ez daude itunduta, diruz lagunduta baizik; ez dute zertan doako izan. Haurra gela horietako batean matrikulatzen dela, ordea, ikastetxeak hezkuntza ibilbide osoa bermatzen dio. Administrazioak erraztu egin du hori. Sare publikoan ezinezkoa den gauza: haur eskolen partzuergo batean matrikulatzen duenak, haurrak bi urte betetzen dituenean, ohiko matrikulazio prozeduran parte hartu behar du; aldiz, sare pribatuan ari den haurrak, ez. Horrek sare pribatuaren alde egiten du, nabarmen. Eta badira haurtzaindegi pribatuak, ondoko etapak dituzten ikastetxeei atxikita daudenak. Opusekoak, kasu". Ez da, soilik, irakasteredu gorabehera, dena delako ikastetxean baliatzen duten eredu linguistikoa baino gehiago da. Horretan da, behinik behin, Steilas sindikatuko kide Idigoras. "Afera poliedrikoa da, ereduen gorabehera gainditu behar dela esatea ondo dago, baina hori baino gehiago ere badago hor atzean. Segregazioa, adibidez. Uste dut eragile askok oso irakurketa sinplea egiten dutela. Interesak hainbat dira".
"Hezkuntza esparrua eta euskalduntzea EAEn (1983-2016)" ikerketaren egileek Eusko Jaurlaritzak 35 urtez prebarikatu duela salatu dute, eta adierazi euskarazko irakaskuntzak herri ekimenari eta familien hautuari esker egin duela aurrera.
Soluzioa, erroetan
Eragile askoren proposamena izan da soluziotzat irakasteredu bat eta bakarra, komuna, ezartzea, nahiz eta hori gure artean sakon errotuta dagoen uste baten kontra joan, alegia, eredua aukeratu ahal izateko eskubidearen aurka. Irakasteredu bat, bakarra? "Gurean, eredu jakobinoa esanez kritikatzen dute proposamena Katalunian murgiltze eredua besterik ez dute.Bestalde, EAEn, datuek esaten digute eredu linguistikoen eta Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakunde ISEIren araberako gizarte zatiketa dugula: A ereduko ikastetxe pribatuetara, gizarte maila jasoko familien seme-alabak doaz. Ikastolen Elkartearen ikastoletara, D eredukoetara, gizarte maila ertain edo goragokoa duten familienak. Datu objektiboak ditugu, ikerketaren ondoriozkoak. Bataz besteko horren azpitik ageri dira sare publikoko ikastetxeak, eredu linguistikoak zeinahi direla ere". Alde horretatik, zatiturik dago gizartea eta, akabuaren akabua, segregazioa dugu: "Eta segregatuta dauden ikastetxeen %95, sare publikoan ditugu. Are gehiago, ikastetxe estigmatizatu eta baztertuenek ere, kasu gehienetan, itundutako ikastetxe elitista bat dute ondoan. Ez da, beraz, hirigintza kontua. Ez hirigintzaren nolakoak ez eredu linguistikoek erabakitzen dute gurasoek haurra non matrikulatuko duten". Oraingo egunetan lantzen ari diren Hezkuntza Legeak gauza aldatuko ote duen jakin behar…
Hezkuntza Legea eta inguruneak
Hasteko, euskararen lorpen adierazleak ingurune soziolinguistikoaren araberakoak izateko proposamena egiten du lege zirriborroak. Ideia ez du begi onez ikusi Idigorasek: "Ingurune soziolinguistikoak ikaslearen euskara maila baldintzatzen du, jakina. Hori bezain jakina da, ordea, ingurune sozioekonomiko baztertuetan matematikaren lorpen maila ere txikiagoa dela. Inork ez du pentsatzen, hala ere, Administrazioak matematikaren lorpen maila ingurune sozioekonomikoaren arabera egokitzea. Astakeria itzela litzateke". Euskararen lorpen maila ingurunearen baitan egokitzea ez da bidea. "Hezkuntzak jatorrizko ezberdintasunak konpentsatzea bermatu behar du, baita hizkuntzari dagokionean ere". Eta, ezberdintasun horiek konpentsatzeko, hor dira, adibidez, aldian aldiko gela bikoizketak egiteko baliabide gehiago jartzea eta gisako neurriak. "Negoziazio kolektibo eta konfrontazio fasean gauden honetan –bost greba egun daramatzagu, eta gehiago aurreikusten ditugu–, gaia behin baino gehiagotan jarri du Steilasek mahai gainean: hizkuntzen lanketan laguntzeko, behar gehiago duten ikastetxeei baliabide gehiago eskaintzea. "Gipuzkoako eskola publikoek eta Arabakoek behar ezberdinak dituzte, eta baliabideak ere ezberdinak behar dituzte. Euskararen lorpen mailari eutsi behar zaio, eta maila horretara heltzeko behar diren baliabideak jarri ikastetxeen eskueran". Inguruneak zeinahi direlarik ere. | news |
argia-c6db98489ad3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/50000-lagun-justizia-eske-irunean.html | 50.000 lagun justizia eske Iru�ean | Xabier Letona | 2018-04-16 | 50.000 lagun justizia eske Iru�ean
Iruñean oso aspaldi egin den manifestaziorik handiena egin zen larunbat arratsaldean Altsasukoekin elkartasunez, eta askoren ustez Iruñean izan den handiena. Udaltzaingoaren arabera 38.000 pertsona izan ziren bertan eta antolatzaileen esanetan 50.000. Egun ederra egin zuen Iruñean eta jendetzak hiriburua hartu eta gozatu zuen egunean zehar. Astelehenean, hilaren 16an, hasiko da hamar gazteen aurkako epaiketa Madrilen.
Golem zinemetan hasi zen manifestazioa 17:30ean eta hiriko hainbat lekutatik jendetza harantz uholdeka nola abiatzen zen ikusita, hasi baino lehen antzematen zen oso jendetsua izango zela. Aurreko egunetan ere ekitaldien zaratametroak horixe bera zioen. Ondoko txioetan ikus litezke manifestazioaren une berezienetako batzuk. Hamarnaka mila herritarrez gain, han izan ziren Nafarroako Legebiltzarreko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak, eta baita sindikatu eta alderdi askotako ordezkariak ere.
Lehen esan dut gutxitan, ingurukoekin komentatzen inoiz ez dugula horrela ikusi Iriñean horrelako manifestazio hasierarik. Jendea suminduta eta eguraldia lagun aspaldikoz pic.twitter.com/XZkzVK7ma5
— Xabier Letona (@xletona) April 14, 2018
"Altsasukoak askatu" izan zen hasierako oihu nagusia eta manifestazioaren amaiera arte gehien entzun zena. Ondorengo txioko eskuineko argazkiak manifestazioaren hasiera lepo zegoela erakusten du, eta ezkerrekoak egin behar zuen ibilbidea ere beteta zegoela. Beheko bideoan ikus litezke pankarta nagusiaren lehen urratsak.
Manifestazioaren hasiera eta pasatu behar den lekutik. Dena lepo. hemengo bi argazkietán ikusten da nola dagoen hasiera une honetan pic.twitter.com/yeyztkib7E
— Xabier Letona (@xletona) April 14, 2018
Manifestazio burua hasi berritan. Berriz ere badiot, horrelako jendetzarik oso gittxitan Iruñean pic.twitter.com/2oFwNqML0U
— Xabier Letona (@xletona) April 14, 2018
Manifestazio amaieran Altsasuko gazteen gurasoek bereziki eskertu zieten elkartasuna Estatuko hainbat lekutatik etorritakoei. Beheko txioko argazkian Madrildik etorritako talde bat ikus liteke bere pankartarekin, Kataluniakoak ere ikusi izan ziren.
Eta badakigu Madrildik ere etorri direla hainbat autobus; bereziki eskrtzen de elkartasuna; biba zuek! pic.twitter.com/tJWbH4nDAx
— Xabier Letona (@xletona) April 14, 2018
50.000 pertsonaren besarkada eramango diete bihar Madrilera Altsasuko gazteei. Itzela izan da! #Altsasu pic.twitter.com/7fIpb9qbY8
— Xabier Letona (@xletona) April 14, 2018
"Hau ez da terrorismoa, justizia nahi dugu" ere sarri oihukatu zuten manifestariek. Une beroenetako burua Merindadeen plazara iristear etorri zen, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren egoitzaren aurretik pasatzerakoan, manifestariek gogor egin zuten Altsasuko gazteen alde.
"Hau ez da terrorismoa, justizia". Egungo bigarren oihu nagusia pic.twitter.com/fTpn8mtvvI
— Xabier Letona (@xletona) April 14, 2018
Espainiako Gobernu ordezkaritzatik pasatu denean manifestazioa, bereziki berotu da jendea: "Atxilotuak askatu" #Altsasu #AltsasukoakAske pic.twitter.com/E35T3AsWrn
— Xabier Letona (@xletona) April 14, 2018
Jon Maia, Amets Arzalluz eta Alaia Martinen bertsoak izan ziren ekitaldiaren amaieran, Gazteluko plaza erabat beteta zegoenean, eta jendetza bertan sartu ezinean. Txioan entzun daiteke Alaia Martinen bertso baten amaiera. Eta bertsolarien azpiko txioan Fermin Valencia, "Navarra tiene cadenas" abesti ezaguna kantatu zuen eta jendetzak gogotik jarraitu zion.
50.000 pertsonaren besarkada eramango diete bihar Madrilera Altsasuko gazteei. Itzela izan da! #Altsasu pic.twitter.com/7fIpb9qbY8
— Xabier Letona (@xletona) April 14, 2018
"Navarra tiene cadenas..." abestu du Fermin Valenciak eta jendetzak nola jarraitu duen! #altsasu pic.twitter.com/BTPANPdx6r
— Xabier Letona (@xletona) April 14, 2018
Atsasukoak Aske plataformakoek hartu zuten hitza ekitaldiaren amaieran eta gogorarazi zuten Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanzek 517 egun daramatzatela preso auzi honengatik, eta hori sekulako desproportzioa dela adierazi zuten. Eskerrak eman zizkieten Iruñera elkartasuna erakustera hurbildutako guztiei. Bistan zegoen antolatzaileak pozarren zirela lortutakoarekin: auziaren izaera eskandaluzkoak, Altsasuko herritarren lan itzelak eta eguraldi ederrak emaitza bikaina eman zuten.
Espetxeratuak diren gazteeen Bel Pozueta eta Antxon Ramirez de Alda izan ziren azkenak oholtzara igotzen (beheko txiokoak dira). Hunkituta ziren eta igandean Madrilera beste aldarte batekin joango zirela azpimarratu zuten, eta beren seme-alabak zirela sarean harrapatutakoak, baina han zirenetako beste askorenak izan zitezkeela berdin-berdin. Herritarren eta segurtasun indarren arteko liskarrak milaka direla urtero Estatu osoan, bana inoiz ez dela halako zigorrik eskatu horietako batean ere ez. Astelehenean hasiko den ahozko auzian, hamar gazteentzat 375 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak. Gurasoen esanetan, kontua ez da alde batean edo bestean egotea, auziaren mamia eskubideak direla baizik, eta hauek bermatu egin behar direla. Bertaratutako guztiei eskerrak eman ondoren ekitaldiari emaiera eman zioten.
Altsasuko gurasoek bereziki eskertu diete Estatu osotik etorritako jendeari hona etorri izana. Ba bai, hain da eskandaluzkoa Estatuko isiltsuna, hango elkartasunak urrea balio duela #altsasu pic.twitter.com/rWvInebUIy
— Xabier Letona (@xletona) April 14, 2018
EkinKlikeko ondorengo argazkietan ikus liteke hobeto Gazteluko plazan bildutako jendetza. Burua atera eta azkenak abiatu arteko tartea ia bi ordukoa izan zen, eta manifestazioaren luzera ia bi kilometrokoa.
Argazkia: EkinKlik
Argazkia: EkinKlik
Argazkia: EkinKlik | news |
argia-fa303dbdfeb9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/merkatuaren-dogma-eta-ondorioak.html | Merkatuaren dogma eta ondorioak | Baleren Bakaikoa Azurmendi | 2018-04-22 | Merkatuaren dogma eta ondorioak
Azken ekonomia uzkurraldian Grezia, Irlanda, Espainia eta Italiak pairatu zituzten ondorio larrienak, eta burua ezin altxatuz dabiltza harrez gero. Esaten ziguten Europar Batasuneko (EB) merkatua eratu ahala, ongizatea besterik ez genuela ezagutuko, baina denbora aurrera doan heinean, oso talde txiki bat profitatzen ari da, %1 ospetsu hori. Bien bitartean, gehiengo zabalarentzat miseria, etxe-gabetzea, langabezia edo soldaten balio galtzea ekarri du; ahaztu gabe jubilazio pentsioak murrizten ari direla edo hezkuntza, osasungintza edo menpekotasunerako gastu publikoak jadanik arras apaldu direla. Hori guztia merkatuak bideratu al du edo erabaki politikoak daude atzean?
Izan ere, egoera larri horretatik irteteko merkatuan ipini nahi digute ardura eta erantzuna, Erdi Aroan jaungoikoaren gain ipintzen zuten bezala. Merkatuak esleipen zuzen eta bideragarria egiten omen du, nahiz auzitan egon merkaturen gaitasun hori.
Kontraesana ez al da defendatzea merkatua planifikatutako eremua dela? Nire hipotesiaren arabera, merkatua planifikatzen dute enpresa erraldoiek, zeintzuek horniketa kopuruak, merkatu zatia eta prezioak finkatzen dituzten. Bestela begiratu elektrizitate edo erregaien merkatuetan zer-nolako eragina dugun kontsumitzaileok. Enpresa hornitzaile urri batzuek finkatuko dituzte prezioak eta kopuruak, erdietsi gura dituzten mozkinen arabera.
Finean, hiritarrok
te(kn)okrazia-politikoaren egitasmoak onetsi besterik ezin dugu egin. Estatuek horrela funtzionatu behar zutela defendatzen zuen neoliberalismoaren sustatzaile nagusiak, Friedrich Hayek ekonomialariak,
eta bitartean
Hego Ameriketako diktadurei ateak irekitzen laguntzen zien
Eraikitzaile handiek ere ez dute merkatuaren arabera jarduten. Hauek, trenbide, aireportu, itsas portu edo errepidearen "premia" dagokion gobernuari salduko diote eta honek inbertsio estrategiko bihurtuko du, herritarrok ez dezagun auzitan ipini. Edo agindua EBko Batzordetik etorriko da, eta dagokion gobernuak derrigorrez egin behar duela aitortuko du, kontuan hartu gabe herritarron nahiak eta interesak. Finean, herritarrok te(kn)okrazia-politikoaren egitasmoak onetsi besterik ezin dugu egin. Estatuek horrela funtzionatu behar zutela defendatzen zuen neoliberalismoaren sustatzaile nagusiak, Friedrich Hayek ekonomialariak, eta bitartean Hego Ameriketako diktadurei ateak irekitzen laguntzen zien.
Finantza erakundeen erreskaterako erabakiak merkatuetatik at hartu ziren. EBk estatu laguntza oro galarazi eta zigortu egiten du, baina erakunde horiei dirua emateko ez zuen eragozpenik jarri eta zenbait estatutako aurrekontuak larriki urritu ditu. Adibidez, Espainiako Estatuan aurrekontuaren ia laurdena mailegu publikoek sortutako zorra kitatzeko erabiltzen ari da.
Halaber, egunero kontsumitzen ditugun ondasunak kontuan hartzen baditugu, aipatu merkatu lehia urruti geratuko zaigu. Azken finean, multinazionalek hornitzaileei prezioa ipintzen diete: Mercedesek hornitzaileei baldintzak ipintzen dizkie, prezioak barne.
Nekazariak lehengaien hornitzaile nagusiak (Monsanto) ipinitako prezioa ordaindu beharko du. Gero, nekazari horrek ekoiztutako elikagaia, normalean, banatzaile handi bati (Carrefour) salduko dio eta honek ezarriko dio prezioa, merkatuko lehia urruti geratuko delarik.
Enpresa publikoen pribatizazioetan ere gardenki ikusten da merkatutik at geratzen direla. Telefonica, Tabacalera edo antzeko enpresa erraldoiak. Pribatizatu zirenean, lagunarteko kapitalak eratu ziren eta urteetan metatutako herritarren ondarea, aitaren batean, esku pribatuen eskuetara pasa zen, hala moduko prezioan.
Egoera honetatik askatzeko, politikak ekonomiari aurre hartu behar dio, erabaki politikoak enpresa erraldoiek hartzen baitituzte; baita kultura aldaketa sakona behartu ere, neoliberalismoak ezarri digun kultur menperatzailea gaindituko duena. Bestela, neoliberalismoak agintzen jarraituko du, ekonomia politikaren gainetik egongo baita. | news |
argia-7816e010572a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/one-orti-printzesa-baskoia.html | Dinastiak batzeko tresna | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-04-22 | Dinastiak batzeko tresna
Iruñea, c. 848. Oneka Orti jaio zen, Iruñeko Orti I.a Gartzez Begibakarra erregearen eta Auria erreginaren alaba, Aritza leinukoa. Haren berri Rodako Kodexak eta Al-Andaluseko historialarien kronikek jaso zuten, bain a ezer gutxi adierazten dute bere izaeraz eta, hala, Oneka bere ezkontzek izan zuten eragin politikoarengatik da nagusiki ezaguna.
Orti Gartzez aita 860. urtean atzeman zuten musulmanek Muhammad I.a Kordobako emirra buru zuen espedizio batean. Kordobara eraman zuten eta han eman zituen hurrengo bi hamarkadak, urrezko kaiolan preso. Luxuzko gatibualdi luzean Oneka alaba izan zuen lagun; ez dakigu aitarekin batera harrapatu zuten edo gerora bidali zuten emirraren gortera, baina handik bi urtera Oneka nerabea emirraren seme Abdullahrekin ezkondu zen –edo ezkondu zuten–. Esklabo kristauen eta agintari musulmanen arteko ohaidetzak ohikoak ziren; duela bi urte, atal honetara bertara, kalifaren kutun bihurtu zen Subh esklabo baskoiaren kasua ekarri genuen. Baina errege familia kristau eta musulmanen arteko ezkontza bakarrenetakoa izan zen hura. Gainera, Omeia eta Aritza dinastiak batu zituen ezkontzak eta horrek bide eman zion Iberiar penintsulako bi erresuma nagusien arteko kolaborazioari.
Onekak hiru seme-alaba izan zituen. Muhammad semea tronuaren oinordeko izendatu zuten, baina 891n hil zuten eta, azkenean, Abd ar Rahman Onekaren bilobak lortuko zuen postua.
Baina hori baino lehen, 882an, Oneka Iruñera itzuli zen aitarekin, seme-alabak atzean utzita. Berehala bere lehengusu Azeari Antso Larraungoarekin ezkondu zen/zuten, eta harekin ere hiru seme-alaba izan zituen. Tota eta Antsa alabak Semeno leinuko kideekin ezkonduko ziren eta hala, Nafarroako Aritza eta Semeno dinastiek bat egin zuten.
Rodako Kodexak kronologia hori guztia zalantzan jartzen du; Oneka lehenago jaio zela dio, lehen ezkontza Azeari Antsorekin izan zela eta gero ezkondu zela Abdullahrekin. Baina faktoreen ordenak ez du produktua aldatzen: hari esker hiru leinuek bat egin zuten.
Hurrengo mendean, Kordobara esklabo ohaide gisa iritsitako Subhek gerora eragin handia izango zuen, praktikan erregeordetza lanak eginez. Oneka printzesa, ordea, tresna hutsa izan zen. Hori bai, oso tresna eraginkorra. | news |
argia-0287486cc062 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/88000-urteko-hatz-zati-baten-garrantzia.html | 88.000 urteko hatz zati baten garrantzia | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-04-22 | 88.000 urteko hatz zati baten garrantzia
El Nefud basamortuan (Saudi Arabia) , Al Wusta izeneko aztarnategian, Homo Sapiens espeziearen hatz fosilizatu bat aurkitu dute eta, uranio serieen bidez, Max Planck Giza Historiaren Zientzia Institutuak 88.000 urtetan datatu du.
Nature Ecology & Evolution aldizkarian jakinarazi dituzte ikerketaren emaitzak: Arabiako penintsulan aurkitutako gure espezieko lehen arrastoa da eta Afrika nahiz Mediterraneo ekialdetik kanpo aurkitu den Homo Sapiens hezurrik zaharrena.
Hatz baten erdiko falangea besterik ez da, 3 cm inguruko pieza, baina berak bakarrik adierazten du gure espeziearen lehen dispertsioa, Afrikatik Eurasiara hedatzeko prozesua, orain arte uste baino zabalagoa izan zela. | news |
argia-9768839d1b8d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/logika-kapitalistaren-biktimak.html | Logika kapitalistaren biktimak | Juan Mari Arregi | 2018-04-17 | Logika kapitalistaren biktimak
157 kaleratze aurreikusten dituen espedientea, altzairutegiaren itxiera, soldatak %25 murriztea enpresan geratzen direnei... Egoera hori, enpresaren arabera, nazioarteko testuinguruak sortu du, Donald Trumpen erabakiek alegia. Ba ez.
Egia da nazioarteko koiunturak eta Amerikako Estatu Batuen politikek enpresen bilakaeran eragin dezaketela. Baina langile hauek ez dira Donald Trumpen eta bere politiken biktimak, logika kapitalistarenak baizik, akziodunen interesak zaintzea eskatzen baitu honek –finantza erakundeak barne– langileen gainetik. Hau da, Trumpek bezala pentsatu eta jarduten duten akziodun batzuen biktima dira.
Euskal enpresa talde honek, Tubos Reunidosek, orain gutxi arte uste zuen Productos Tubulares bere "altxorra" zela, nazioartearen aitortza zuten hoditeria produktu bikainengatik, etekin oso handiak ematen baitzizkien beti. Azken hiru urteetan, 2014tik 2017ra, Tubos Reunidosek bere akziodunen artean 240 milioi euro banatu ditu irabazi horiei esker.
Orain nazioarteko krisia iritsi da eta akziodunek ez dituzte euren pribilegioak galdu nahi inola ere ez; etekinak kobratzen segi ahal izateko, logika kapitalista erabili dute: enpleguak ezabatu, lan-kostuak murriztu, instalazioak itxi eta produktibitatea handitu. Zergatik ez zuten oparoaldian lorturiko etekinen zati bat erreserbatu krisia zetorrenerako, kaleratzeak eta itxierak saihesteko? Horregatik beragatik: Trumpek duen logika kapitalista huts berberagatik. | news |
argia-077d44e67026 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/aiaraldea-ekintzen-faktoria-bizitza-egitera-doa.html | Aiaraldea Ekintzen Faktoria bizitza egitera doa | Maddi Txintxurreta | 2018-04-22 | Aiaraldea Ekintzen Faktoria bizitza egitera doa
Bizitzeko proiektu baten aterpea izan asmo du. Aiaraldea Komunikazio Leihoak hauspotu du ekimena, eta komunikabide izatetik komunitate izateko jauzia ematen ari dira. Hezkuntza, feminismoa, kultura, ekonomia sozial eraldatzailea eta elikadura burujabetza ardatz, eta euskara bilgarri eta ibilgailu, bizitzeko alternatibak eraikitzen ari dira Aiaraldea Ekintzen Faktorian.
Erdaraz galdetzen duenari euskaraz erantzun. Aiaraldea Ekintzen Faktoria "martzianokeria" bat izan daiteke, Gartzen Garaio proiektuko kideak dioen gisara, euskararen kaleko erabilera %4koa den eskualde batean bizitzako esparru guztietarako alternatibak euskaraz eraiki nahi baititu. Nola edo hala, talaia berean ziren orain zortzi urte Aiaraldea Komunikazio Leihoa –Aiaraldea Gaur atariak eta Aiaraldea Hemen paperezko hamabostekariak osatzen duten elkartea– sortu zutenean, eta egun Aiaraldea.eus euskak komunikabideetatik bederatzigarren kontsumituena da sarean, azaldu dutenez.
Laudioko industrialdean kokatuko da Ekintzen Faktoriaren epizentroa. Bazkideen ekarpen ekonomikoari esker eskuratutako 750 metro koadroko pabilioia orrazten ari dira bertan, baina egoitza Laudion izanagatik ere, proiektuak eskualde osoan eragin nahi du. Orobat, hedabidearen lerro berean, proiektua ez da eskualde administratibora mugatuko. "Hedabidea sortu genuenean, ez ginen Aiarako eskualde politikora –Aiara, Okondo, Artziniega, Laudio eta Amurrio– mugatu. Aiaraldea eskualde soziologikoa litzateke", dio Gartzen Garaiok. Hau da, Aiarako herriei Orozko, Urduña, Arakaldo eta Arrankudiaga batu zaizkie.
Izar mendiguren (Aiaraldea.eus):
"Guk alternatiba bat planteatzen dugu, pertsona eta komunitate bezala, suntsitzen gaituen sistema sozial eta ekonomikoaren aurrean biziko eta heziko gaituena. Eragiteko modu bat nahi dugu eta ekintzen bitartez egingo dugu guztia, euskaraz"
Hastapenak
Aiaraldea Gaur 2010ean sortu zen. Euskarazko tokiko hedabideen presentzia murritzari erantzun asmo zioten sortzaileek, eta ehundik gora boluntariok hauspotu zuten aiaraldea.eus ataria. 2013an paperera egin zuten salto, eta Aiaraldea Hemen hamabostekaria kaleratu zuten, biak ala biak Aiaraldea Komunikazio Leihoa markaren pean. Horrenbeste ziren proiektuak erakarri zituen boluntarioak eta atariak jasotzen zituen bisitak, ezen soldatapeko izaera hartu baitzuten batzuk, eta hedabidea gorpuzten hasi zen. 2015ean Aiaraldea 2020 izenpetu zuten gogoeta estrategikoa abiatu zuten etorkizunari begira, eta urte eta erdi iraun zuen hausnarketa egin zuten. "Ordu arte komunikazio arloa landu genuen, eta gazteleraz bizi den eskualde baten berri euskaraz eman dugu, baina planteatu genuen beharrezkoa zela bizitzako esparru guztietan eta balio eraldatzaileen arabera bizitzeko aukera berriak sortzea", azaldu du Garaiok. Horrela, Aiaraldea Komunikazio Leihoak Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren bidea hasi zuen.
Eusko Jaurlaritzak Gizarte Ekimeneko izendapena eman baitzion, elkartearen izaera juridikoa irabazi asmorik gabeko kooperatibara aldatu zuten iazko martxoan, eta hedabideaz arduratzen den Komunika sozietate mugatua ere kooperatiban integratzeko lanean dihardute orain. Halaber, kooperatiba "berezia" dela dio Garaiok: "Erabakimenaren erdia langileek dute, eta beste erdia bazkide erabiltzaileek. Hortaz, proiektuaren helburu sozialak bermatzeko, erabaki bat hartzeko ez da nahikoa kooperatibaren erdia baino gehiago ados egotea, langileen erdiak eta bazkideen erdiak ados egon behar dute".
Bestalde, Laudion kokatutako pabilioia askotariko proiektu eraldatzaileen bilgunea izango da. Kooperatibaren barneko enpresak eta proiektuak, Komunikak kasu, etorkizunean indibidualki emantzipatzea dute helburu.
Jakina da tamaina honetako proiektuen arazo nagusia finantzazioa izan ohi dela. Proiektuak bazkideak eta diru-laguntzak ditu euskarri, baina "askitasuna" dute helburu. "Askitasuna lortzeko eta areagotzeko, Komunika sortu zen bezala, etorkizunean proiektu gehiago sustatu nahi ditugu", dio hedabideko zuzendari Izar Mendigurenek. Egun, diru-laguntza publikoak Faktoriaren %30a finantzatzen dute.
Urte eta erdiko hausnarketaren ondoren hasi zuten Ekintzen Faktoria sortzeko egitasmoa eta 750 metro koadroko pabilioia orrazten ari dira horretarako (arg. Aiaraldeko Komunikazio Leihoa)
Balioen arkitektura
Laudioko pabilioia proiektuak garatu nahi dituen balio nagusien arabera eraikiko da. Garaiok dioenez, "hezkuntza proiektua garatzeko espazio bat izango da, haur eta gurasoentzako batez ere; elikadura lantzeko ekonomato bat bere sukaldearekin; kulturari lotutako oholtza, hedabidearen proiektua…" Hori guztia pabilioiaren lehenengo pisuan kokatuko da eta edozeinentzako espazio irekia izango da. Hedabideari dagozkion bulego eta espazioak, aldiz, bigarren pisuan eraikiko dira.
Proiektuaren sortzaileen asmoa da bertan egiten dena "publikora zabaltzea", eta Aiaraldea Komunikazio Leihoak egingo du hori. Hala, hedabideak antolatuko ditu Faktoriako ekitaldiak, eta webgunearen edo paperaren bitartez zabalduko ditu. Bestalde, 2019an tokiko telebista pizteko asmoa dutela iragarri du Garaiok.
Balio horiek garatuko dituzten lan taldeak osatu dituzte. Hezkuntzako lan taldea, kasu, hezkuntza proiektua garatzen ari da, eta haurren ahalduntzea eta parte hartzea sustatzea du helburu, gurasoentzako formakuntza tailerrekin batera. Izar Mendiguren feminismoaren lantaldean dago, eta esan du feminismoak "proiektu guztia" bustiko duela. Ildo beretik, Ekintzen Faktoria euskararen etxea izango den bezala, emakumeen etxea ere izango da, baina eskualdeko eragile feministen lan independentea errespetatuz. "Gaur egun, inguruko herrietan badira emakumeen elkarteak eta talde feministak. Artikulatuta daude, baina ez daukate elkartzeko gunerik. Ziur asko denek edukiko dituzte arazo komunak, eta horri erantzungo liokeen espazioa izan daiteke Faktoria", azaldu du Mendigurenek.
Pabilioiaren barrutiak eraikitzeke daude oraindik. Hustu egin dute eta paretak margotu, baina asko dago egiteko. Horregatik, boluntario-saldo berri baten beharra daukate, dena auzolanean eraiki asmo baitute. Crowfunding kanpaina bat abiatu dute, baina ez diruarena, "denbora eta jakintzarena" baizik. Mendigurenek zehaztu du boluntariotza "modu parte hartzaile batean, bakoitzak gustuko duen hori ahal duen neurrian" emanez egin nahi dutela.
Laudioko pabilioiak proiektuaren balioei leku egingo die: hezkuntza, kultura, feminismoa... Goian, arkitektura hori erakusteko diseinatu duten irudietako bat.
Bestalde, proiektuaren espazio bat izango da Faktoria, espazio nagusia, baina ez bakarra. Faktoriaren eragin-eremua eskualde osora zabaldu nahi dute eta deszentralizazioa bultzatu, tokian jada lanean diharduten proiektu sozialak zapaldu barik.
Hau guztia lortzeko, harreman sare indartsua jostea beharrezkoa deritze kooperatibako kideek. "Nola eragin eskualde baten eraldaketa sozialean modu integralean? Bada, Izarkom, Goiener, Olatukoop, eta antzeko proiektuak bertara hurbilduz eta euren bazkidetza sustatuz", esan du Garaiok. Elkar zapaldu beharrean, elkar boteretzean dagoela muina dio Mendigurenek: "Aliantzak bilatu eta denok bide berdinean eta balio eraldatzaileekin komunitatea eraiki".
Azoka soziala
Otsailaren 24an eta 25ean Azoka Soziala antolatu zuten Faktorian, Kontsumitzen duguna gara, bizitzeko alternatibak lelopean. Lehenengo egunean kontsumo alternatibak, era ekologikoan lan egiten duten tokiko ekoizleak eta ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuak aurkeztu zituzten, tartean Olatukoop, Talaios Kooperatiba eta Izarkom, kasurako. Hurrengo egunean, truke azoka egin zuten.
Faktoria izango denaren zantzurik aurkitu zuten azoka sozialera hurbildu zirenek, eta urte eta erdian egindako hausnarketa palestrara igo zuten. Gartzen Garaiok aipatu du eskualdeko askok ez zutela ezagutzen ekonomia sozial eraldatzailearen filosofia, Arabak ez duelako "Gipuzkoak besteko esperientziarik" afera horretan, eta azoka "gauza hauetaz guztietaz hitz egiten hasteko ekitaldia" izan zela. "Balioen lanketa egin genuen –dio Mendigurenek–: haurrek sukaldaritza tailerra izan zuten, eta baserritarrekin harremandu ziren. Larunbatean tokiko ekoizleen azoka egin genuen, ekoizleek euren espazioa ireki zuten hemen. Igandean, truke azoka izan zen". Ez zen truke azoka arrunta izan: norberaren denbora, gaitasuna edota jakintza trukerako moneta bilakatu ziren.
Otsailean Azoka Soziala egin zuten. Hala ere, faktoriaren eragin-eremua eskualde osora zabaldu nahi dute eta deszentralizazioa bultzatu.
Larunbatean, ordea, bestelako moneta bat erabili zuten. Aikoa izeneko moneta sortu zuten, errenta gaitasunaren araberakoa, hots, irabazi ekonomiko gutxien zutenek Aiko gehiago lortu ahal izan zituzten Euro batzuen truk, eta, kontrara, gehien irabazten zutenentzako garestiagoa zen moneta soziala. Errenta maila baxua, ertaina eta altua bereizi zituzten. "Nahi genuen Aikoaren baliokidetasuna ez izatea lineala denentzako. Norberaren pribilegioez kontzientzia hartzeko balio izan zuen, eta baten batek eraso egin geniola sentitu zuen arren, ondo hartu zuen jendeak", esan du Garaiok. Orobat, Mendigurenek dio moneta sozialak aitortzen ez diren lanen inguruan gogoeta indibiduala egitera ere bultzatzen zuela. "Bada bestelako ekonomia bat, eta bestelako sistema bat eraikitzeko modurik", diote. Moneta sozialaren proiektua etorkizunean ere sustatzea aztertzen ari direla esan dute.
Etorkizunera begira
Ekintzen Faktoriaren helburu bat da aurten ekonomato proiektua osatzea. Ez bakarrik Faktorian bertan produktu agroekologikoak saltzeko, baizik tokiko elikagai ekologikoak bertatik banatu, kontsumo eredu berriak bultzatu eta formazioa eskaintzeko. Izan ere, eskualdean badira ekologikoan ekoizten duten nekazariak, Urduñan batik bat. Ekonomatoa ekonomia sozial eraldatzailearen bidez kudeatzeko eredu ugariren bila aritu dira, eta Zarautzeko Lakari proiektua izan da antzeratu nahi duten bat.
Gartzen Garaio
(Ekintzen Faktoria):
"Komunikazio arloa landu eta gazteleraz bizi den eskualde baten berri euskaraz eman dugu, baina pentsatu genuen beharrezkoa zela esparru guztietan balio eraldatzaileen arabera bizitzeko aukera berriak sortzea"
Ekintzen Faktoria Aiaraldean berritzailea izanagatik ere, Euskal Herrian eta atzerrian badira ekonomia soziala eta bestelako balioen bidez bizitza eredu ezberdinak bultzatzen ari diren proiektuak, eta Aiaraldeakoek handik eta hemendik hartu dituzte ideiak. Bartzelonako Ciutat Invisible da horietako bat, zeina kapitalismoaren lan ereduekin apurtzen duen kooperatiba autogestionatu bat baiten. Bestalde, kooperatibaren ahalmenaren dibertsifikazioa bilatu nahi dutela dio Garaiok, eta Kataluniako Més Opcions kontsumo arduratsuaren alde lan egiten duen kooperatibak lez, Aiaraldea Ekintzen Faktoria lagun dituen kooperatiben bazkide izatea nahi dute, horrela Faktoriako bazkide direnak gainontzeko ekonomatoetan erosi ahal izateko.
Sistema hegemoniko batean arduratsu jokatzeko zeharbidea izan nahi du Ekintzen Faktoriak, bizitzeko proiektu integral baten orube. "Sistema hau zulatuta dago, eta zulatzen gaitu. Guk alternatiba bat planteatzen dugu, pertsona eta komunitate bezala, suntsitzen gaituen sistema sozial eta ekonomikoaren aurrean biziko eta heziko gaituena. Eragiteko modu bat nahi dugu eta ekintzen bitartez egingo dugu guztia, euskaraz", azaldu du Mendigurenek. Garaiok, bestalde, esan du toki askotan demostratzen ari direla horrelako proiektuak "posible" direla: "Badago masa bat beste modu batean bizitzeko eredu bat sortzen ari dena. Ez da sistemarekin guztiz apurtzen, baina kalitatezko proiektuak egingo ditugu, noizbait hegemoniko bihur daitezkeenak". | news |
argia-d6cc79840bc9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/artxiboetatik-abiatutako-filmak-2018ko-berlinalen.html | Historia berrikusten | Lur Olaizola | 2018-04-22 | Historia berrikusten
"Zinemak gezurrak esan ditzake, kirolak ez". Hauxe da Julien Faraut zuzendari frantsesaren L'empire de la perfection (2018) pelikularen ardatza. Ideia Godarden elkarrizketa batetik dator: "Giza gorputzak gezurrik esan gabe jarraitzen duelako ikusten dut oraindik kirola. Politikak, zinemak eta literaturak gezurrak esan ditzakete, kirolak ordea, ez". L'Équipe kirol aldizkarian aurkitutako hitz hauek bihurtu zituen bere pelikularen oinarri Farautek. Kasu honetan, gezurrik esan gabe jarraitzen duen gorputza John McEnroe tenislariarena da. Garai hartako jokalari onena ikusiko dugu koloretako 16mm-tan 1984. urtean. Ikusi edo, hobeto esan, berrikusi.
Pelikula hau joan den otsaileko Berlinale zinemaldiko Forum sailean estreinatu zen eta zinema aretoa ia zutik jarri zen Parisko lur gorrian McEnroe-ren tantoak ikustean. Ikustean edo, hobe esanda, berrikustean. Farauten saiakera zinematografikoak hainbat lotura proposatzen ditu zinemaren eta tenisaren artean: mugimendua eta denbora; tenislari eta fikziozko pertsonaia baten antzekotasuna; edo jokalari batek pistan drama eraikitzeko daukan boterea. Badirudi Tom Hulce aktorea McEnroerengan oinarritu zela Milos Formanen Amadeus prestatzeko eta Serge Daneyk, itzal handiko zinema kritikariak, hamar urtez idatzi zituela tenis kronikak Libération egunkarirako. Izan ere, Daneyren idatzi batek jasotzen duen gertaera aurkituko dugu L'empire de la perfection pelikulan ere: 1984. urteko ekainaren 5ean Roland Garrosen parte hartzen ari ziren tenislariak kexatu ziren kamerek eta argazkilarien flashek egiten zuten zarataz. McEnroeren kasuan, ez zen berria medioekin iskanbila sortzea: "Bezperan telebista kamera baten kontra jaurti zuen pilota eta begirada batez birrindu zituen garabi baten gainean munduan bakarrik zeudelakoan ozen hitz egiten ari ziren bi teknikari", azaltzen du Daneyk. Begiratu funditzaile hau Farauten pelikulan ikus dezakegu. Ikusi edo, hobeto esan, berrikusi. Zuzendariak hamabost urte eman zituen Frantziako Kirol Institutu Nazionalean lanean eta bertan Gil de Kermadec dokumentalgilearen irudiak aurkitu zituen. Artxibo irudiak. Kermadec-ek tenisa irakasteko filmak egiten zituen eta McEnroe-ren jokatzeko erarekin hain obsesionatuta zegoen, tenislaria behin eta berriro filmatu zuela. Ez zituen tenis partidak filmatzen, tenislaria bakarrik filmatzen zuen: ezkerraz eginiko sakeak, hanken eta besoen mugimenduak, arbitroekin eztabaidak, bai eta Kermadec-en Arri SR kamerak egiten zuen zaratari botatako begirada birrintzaileak ere. Iraganeko keinuen artxibo irudiak.
Austriako iragan politiko iluna berrikusteko aukera ematen du 'Waldheims Walzer' filmak.
Waldheim ez! Waldheim ez! Waldheim bai!
Artxibo irudiekin egindako zenbait filmek arreta deitu dute Berlingo zine jaialdiko Forum sailean, tartean dokumental onenaren saria irabazi duen 'Waldheims Walzer'
L'empire de la perfection ez da izan aurtengo Berlinaleko Forum sailean ikusi diren filmen artean artxibo irudiekin egindako pelikula bakarra. Izan ere, dokumental onenaren saria Ruth Beckerman austriarrari eman diote Waldheims Walzer filmagatik. Proposamen honetan ere, 80ko hamarkadako artxibo irudiak ditugu baina, kasu honetan, zuzendariak berrikustarazten dizkigun keinuak Kurt Waldheimenak dira, Austriako presidente oiharenak: "Kurt Waldheim eta bere begitarte sorra. Bere eskuak oroitzen ditut, bere irribarrea eta lehen andrea izango zenaren perlak. Armonia aldarrikatzen zuen apaiz keinuak eginez. Telebista frantsesa ere obsesionatuta zegoen bere eskuekin. Austriako jendea besarkatu nahi zuela zirudien, liluratu".
Artxibo irudi hauek beste berezitasun bat daukate, batzuk Beckermanek berak filmatu baitzituen. 1986. urtea zen, Waldheimek bere burua aurkeztu zuen Austriako presidente izateko eta Beckerman hautagaiaren aurkako mugimenduko aktibista zen. Protestak eta manifestazioak hasi ziren Kurt Waldheim, 1972tik 1981ra Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia izan zen Waldheim bera, nazien kolaboratzailea izan zela frogatzen zuten dokumentu eta irudi batzuk argitaratu zirenean. Hautagaiak behin eta berriro ukatu zuen eta eman zuen erantzun bakarra ezezko biribila izan zen. Dirudienez, politikarien gorputzak badira gauza gezurrak esateko. Aurtengo Berlinalen aurkezturiko filmak zuzendariaren artxibo pertsonala nahasten du artxibo kolektiboarekin, nazioarteko medioek 1986. urteko martxotik ekainera bitartean egin zuten kasuaren jarraipena ere erakutsiz. Waldheims Walzer -ek muntaketa bizkor eta askotan umoretsu baten bitartez, herrialde baten historia eta memoria birpasatzera gonbidatzen gaitu. Iraganeko aztarnei jarraituz, iraganeko irudiak berriro ikusiz, egungo Austria neofaxista sortzen joango da gure begien aurrean. Azken finean, 1986. urteko ekainaren 8an hauteskundeak irabazi zituen Waldheimek eta Beckermanen panoramika bikain batek erakusten duen bezala: "Waldheim ez! Waldheim ez! Waldheim ez!" garrasi egiten duten manifestariekin hasten den plano luzea, "Waldheim bai!" esaten duen gizon batekin bukatuko da. Iraganeko irudiek oraina ikustarazteko ahalmena daukate.
Diktadura osteko Uruguain hartutako irudiekin osatuta dago 'Unas preguntas'.
Boto txartel horia ala berdea?
"Zer da bakea zuretzat?" galdetuz, Uruguai zeharkatu zuten Kristina Konradek eta
María Barhoumek diktadura bukatu zenean. 32 urte geroago berreskuratu ditu irudiak, herrialde baten memoriari ekarpena eginez
Ruth Beckermanek plano hori filmatu zuen urte berean, Kristina Konrad Uruguaiko kaleetara atera zen María Barhoumekin batera, U-matic kamera batekin jendeari bakea zer zen galdetzera. "Zer da bakea zuretzat?". Hamabi urteko diktaduraren ondoren (1973-1985), 1986. urtean amnistia lege berri bat ezarri zuten Uruguain. Hori zela eta, diktaduran parte hartu zuten eta giza eskubideen aurkako krimenak egin zituzten militarrak inolako zigorrik gabe gelditu ziren, inpunitatea eman zieten eta. Herritar batzuen haserreak eta mobilizazioek lortu zuten erreferendum bat egin zedin. "Zer da bakea zuretzat? Eta justizia?". Unas preguntas pelikula ere estreinatu da aurtengo Berlinaleko Forum sailean. Pelikula ikaragarria da. Izugarrizko dokumentu historikoa. Legea ezarri zutenetik 1989. urtean erreferenduma egin zen arte Konrad eta Barhoumek filmatutako irudi guztiak ikusiko ditugu, gordinean, garaiko kanpaina politikoekin tartekatuta. Lau ordutan Uruguai zeharkatuko dugu: landatik hirira, auzorik aberatsenetik behartsuenera. Klase, arraza, genero eta adin guztietako pertsonak ikusiko ditugu kameraren aurrean hizketan. "Zer da bakea zuretzat?". Eta hain erraza dirudien galderak ez die gorputz horiei gezurrik esaten utziko. Elkarrizketa trebe batzuetan zalantzak ziurtasun bilakatzen ikusiko ditugu, gorputz iheskorrak geldirik gelditzen eta errespetua eragiten. Elkarrizketa trebe hauetan mina, manipulazioa eta mendekua ikusiko ditugu, Montoneroak eta desagertuak, historia eta memoria. Ikusi edo, hobeto esan, berrikusi. Eta bukaeran beste zerbait ikusiko dugu, beste zerbait berrikusiko dugu: 1989. urteko apirilaren 16ko erreferendumaren derrigorrezko botazioan hori koloreko boto txartelek berdeei irabazi zieten, amnistia legea onartuz eta Uruguairi hamabi urteko diktaduraren errepasoa ukatuz.
Zorionez, Kristina Konradek, irudi hauek filmatzen hasi eta 32 urte geroago, Unas preguntas pelikula egin du Uruguaiko historia bere erara birpasatuz eta ikusgai eginez. Eskerrak orain dela 32 urte filmatu zituen irudi horiek ez zirela galdu, ezabatu, usteldu, desagertu; irudien desagerpenarekin batera, herrialde oso baten historiaren zati bat desagertu zitekeen eta. Hona hemen artxiboaren garrantzia eta artxibozainen berebiziko ardura. Herrialde baten memoriaren, irudien eta soinuen zaindari, babesle, eragile. Ogibide liluragarria eta boteretsua da benetan.
Gurera etorrita, pozgarria da egun, artxiboen prekarizazio eta utzikeria garaian, Elías Querejeta Zine Eskolak eskaintzen duen graduondoko bat Artxiboa izatea. Dudarik gabe, erresistentzia keinu bat da. Datorren urtean taldea osatuko duten hamabost ikasleek irudiak eta soinuak zaharberritzen ikasiko dute, materiala aztertzen, proiektatzen, gordetzen. Batek daki haietako nork egin nahiko ote duen artxibo pelikula bat. Agian, hilabete honetan 40. urteurrena ospatzen duen Euskadiko Filmategiak ikasle horri gordeta daukan materialen batekin lan egiten utziko dio. Edo agian, EITB-ren artxiboan murgiltzeko aukera izango du. Nork daki. Agian datorren urteko Berlinaleko Forum sailean hemengo artxibo irudiekin egindako pelikula bat ikusteko aukera izango dugu. Horrela bada, hemengo historia ikusiko dugu. Ikusi edo, hobeto esan, behingoz, berrikusi. | news |
argia-caf221f48560 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/gerrako-kronikak-nafarroan.html | Gerrako kronikak Nafarroan | Amaia Serrano Mariezkurrena | 2018-04-22 | Gerrako kronikak Nafarroan
Euskal eleberriaren historian maiz agertzen da 36ko Gerra, hainbat estetika ezberdinen bidez. Gutxi dira, ordea, ga(ra)i hau jorratzeko eleberri historiko tradizionalaren moldea hautatu dutenak, nahiz eta gerra hizpide duten 1936-1957 bitarteko ohitura eleberrietan halako zantzuren bat ikus daitekeen ( Loretxo, Ekaitzpean edo Laztantxu eta Betargi ditut gogoan). Patxi Zabaletaren Badena dena da nobela da azpigenero horren barruan bete-betean kokatzen den bakanetakoa.
Trilogia bateko bigarren alea da hau, eta, Beñat Mandazenengan fokua jarrita, narratzaile orojakileak emango digu Nafarroako iragan hubilaren berri. Beñaten bidean egokitzen den pertsonaia bakoitzak bere istorioa du, nahiz eta batak bestearekin loturaren bat ageri duen beti, dela bakardadeak jotako pertsonaiak direlako, antzeko egoeraren bat bizi izan dutelako, haurrak zirenean elkar ezagutu eta urte askotara berriro topatzen direlako, eta abar. Horrek guztiak, maitasun istorio, traizio, eta harreman sexualen deskribapen zehatzekin bat, irakurlea harrapatzen du.
Eleberri historikoan ohikoa den bezala, iraganean jartzen da arreta, eta pasarte batzuk historiografia tradizionaletik gertu daude. Zabaletaren literaturak, gainera, badu beste berezitasun bat, eta horri izenburutik bertatik antzematen zaio, tarteka pasarte filosofiko luzeak txertatzen baititu istorioan. Batzuetan, ordea, erregistroa dela-eta, ez zaizkio behar bezala egokitzen, eta behartuxe geratzen dira azalpen historiko eta filosofiko horiek, eleberria fikzio literariotik urrunduz.
Haatik, eleberri honek formarekin guztiz asmatzen ez badu ere, ekarpen interesgarri batzuk egiten ditu: anarkista talde baten gorabeherak azaltzen ditu, haien arteko zenbait kontraesan-gogoeta agerian utziz (guztiak taldearen botere-kudeaketarekin lotuak), medikuntza-ikasketadun emakume bat jartzen da anarkisten lider (zeina, bidez batez, desiragarri izateaz gain, haren izena ere fonetikoki xamurra den, Loretxo eta Laztantxuren antzera: "– (…) Hize Oxoa. Zeinen izen leuna, zeinen izen xarmanta (…)", (327), frankisten bandoko tirabiren lekukotasuna ematen du (karlistak, faxistak eta falangistak), eta abar.
Liburu honetako osagaiek irakurle masa erakartzeko aukera dute, eta, hala, emakumeek gerran jasandako makurreriak oroitarazteko idazlearen asmo esplizitua bete dezake nobelak. | news |
argia-df5b9179e9cd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/ricardo-hernandez-jimenez-gaz-kalo-ijitoen-elkarteko-koordinatzailea.html | "Erabakitze gaitasuna izan nahi dugu, gure ordez kanpotik erabaki ez dezaten" | Eider Madina Berasategi | 2018-04-22 | "Erabakitze gaitasuna izan nahi dugu, gure ordez kanpotik erabaki ez dezaten"
Lehen pertsonan idatzia dago artikulu hau. Ricardo Hernandez Jimenezi eman diogu hitza, Nafarroako ijito elkarteak biltzen dituen Gaz Kaló Federazioko koordinatzaileari. Erakundea 2000. urtean sortu zen eta ordutik buru-belarri dihardu ijitoen kultura ezagutarazten eta estereotipoak hausteko lanean.
Ijitook 500 urte baino gehiago daramatzagu lurralde honetan, baina jendartearen gehiengoarentzat ezezagunak gara. Nafarroako ijitoei buruz ezagutzen den lehen idatzia 1435. urtekoa da, Nafarroako Blanca erreginak ijitoei Erriberrin harrera egin zienekoa. Egun, 7.000 inguru bizi gara lurraldearen luze zabalean banatuta, eta pentsatzekoa den moduan, komunitate heterogeneoa gara. Hala ere, gure kultura eta errealitateak ez dira nahikoa ezagutzen; aurreiritzi, estereotipo eta uste txarrak gailendu dira.
Bazterkeriaz, diskriminazioz eta jazarpenez jositako historia da gurea; frankismoa amaitu arte ez dugu inolako babes juridikorik izan. Are, gure kontrako legeak urte luzez egon dira indarrean. 1549ko lege testu batek jasotzen du ijitoak aurkituz gero zigortu eta kanporatu eginen dituztela eta egoerak okerrera egin zuen XVII. mendean. Egun, eskubideak lortu ditugu eta legeek babesten gaituzte, baina sarritan, errealitatean gauzak ez dira hain errazak, eta egunerokoan gure aurkako jarrerak pairatzen ditugu.
Nafarroan, Europar Batasun osoan oro har, arrazakeria eta xenofobia ikaragarria dago, eta jatorri ezberdinetako beste komunitateekin batera, diskriminazio egoera handienetakoa jasaten dugu guk. Bizitzaren arlo guztietan eragiten digu bazterketa horrek, eta horren adibide dira gure gazteen artean dugun eskola porrot larria, etxebizitza edo lana lortzeko zailtasunak edota ijitoa izan edo iruditzeagatik zenbait lekutan sarrera ukatzea.
Arrazakeria kasuen gorakada
Azkenaldian, Iruñean halako hainbat kasu ezagutu dugu. Alde Zaharreko taberna batzuetan atezainek ijito batzuei ez diete lokalean sartzen utzi, jabeek ijito etniako inori sartzen ez uzteko agindua emana dutelako. Gertaera horien berri izan bezain laster Sos Arrazakeriako kideekin eta Arartekoarekin batera epaitegietara jo genuen eta kasuak aztertzen ari dira.
Gisa horretako gertaerak jazo ez daitezen legeen berrikusketa eskatzen dugu, leku publikoetan jatorri, etnia, erlijio, sexu, iritzi, identitate eta bestelako baldintza pertsonal edo sozialengatik inori sarrera ukatzea galarazteko. Aisialdirako lokalak leku irekiak dira, baina Nafarroako 2/1989 Foru Legearen barruan ezarritako 33/2011 Foru Dekretuak espazio hauetarako sarbidea eta bertako egonaldiak arautzen ditu eta horren berrikusketa da eskatzen duguna.
Gertaera horien harira, otsailean Iruñeko Udalak aho batez onartu zuen establezimenduetan sartzeko debekuen kontrako adierazpen instituzionala. Legea berrikusiko duela hitz eman du eta horrekin batera, inpunitaterako biderik egon ez dadin, biktimei eragindako kalteei erantzuteko neurriak hartzeko eta halakoak errepika ez daitezen saihesteko kontrol mekanismoak jartzeko konpromisoa hartu du.
Elkarlana giltzarri
Hori dela eta, gure kultura eta komunitatea hurbildu eta guri buruzko irudia hobetu asmoz, ijito eta ijito ez direnen arteko elkarlana eta elkar ezagutza sustatzen saiatzen gara hainbat egitasmoren bidez. Helburu horrekin sortu zen Gaz Kaló duela 18 urte, Nafarroako ijito elkarteen koordinazioa eraman, irizpideak bateratu eta gizarte eta administrazioaren arteko zubi lanak egiteko. Dagokigun lekua, protagonismoa eta erabakitze gaitasuna izan nahi dugu, guri dagozkigun kontuetan erdigunean egon eta subjektu aktibo izan, kanpotik gure ordez erabaki ez dezaten. Sarritan hitz egiten da gutaz, eta guretzako politika bereziak egiten dira, beraz, kalean egoteaz gain, erabakiak hartzen diren espazioetan ere egon nahi genuke.
Garbi dago gu garela guri buruzko irudia hobetzeko lehen urratsa eman behar dugunak, eta horretan dihardugu; zentzu horretan, ijito herriak ematen duen aurrerapauso bakoita eta lortzen duen onarpen zein eskubide bakoitza jendarte osoarentzat onuragarri izanen da. Eremu berean bizi diren kulturek bizikidetza eta errespetua behar dute eta horretarako guztion arteko lankidetza behar da, harremanak normalizatu aldera.
Ikuspegi globala eta gertukoa aldarrikatzen dugu, herriz herri lan egin, baina aldi berean ingurua ere kontuan izanik. Gaur gaurkoz, hamabi elkarte daude federatuta eta gure lan-ildo nagusiak gazteriarengan eta emakumeengan bideratu ditugu. Gazteak gure komunitatearen etorkizuna izanen direlako eta emakumeak ijito komunitatearen zutabe eta motor nagusiak direlako.
Komunitatearen motor
Emakume ijitoa kulturaren transmisioaren zutoina da, familia osoaren babeslea, eta aldi berean ekintzailea, betidanik atera izan baita kalera. Emakume ijitoen errealitatea islatzeko haien testigantzez osaturiko dokumental laburra ekoitzi zuen Helena Bayona Carlos kazetaritza ikasleak Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntzarekin. Herriz herri proiektatzen ari gara Mordiendo el aire. Kalis/Romis: emakume ijitoak berdintasunerako bidean ikus-entzunezkoa eta oso kontent gaude izaten ari den harrerarekin; gainera, EHUko Francisca de Aculodi saria irabazi berri du. Dibulgazio eta aitortzarako lan oso ederra da.
Horrez gain, emakumeak oso ongi antolatzen ari dira, horren adibide da martxoaren 22, 23 eta 24an Bartzelonan egin zuten Emakume Ijitoen Nazioarteko II. Kongresua. Iruñetik 14 emakume joan ziren autobusez eta oso pozik itzuli ziren, ahalduntze prozesuan arnasgune baitira halako topaketak.
Emakume ijitoak, arrazakeriaren aurkako manifestazio batean, Bartzelonan.
Martxoaren 8an ere kalera atera ziren herriz herri deituta zeuden mobilizazioetan parte hartzera; eta aurtengoak izan duen indarra ikusita garbi dago norabide horretan erronka handia dugula egiteko gizarte gisa eta baita guk komunitate gisa ere. Oso itxaropentsua da. Gaz Kalón presidente-ordea emakumea den arren, koordinatzailea eta federazioaren irudia ni izan ohi naiz; baina datozen urteetan presidentetza aldatzeko asmoa dugu.
Eskola porrota
Federazioan asko kezkatzen gaituen gaia da hezkuntzarena. Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) kaleratutako azken datuen arabera, ijito gazteen %20k soilik amaitzen du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Gainera, 12 urtekoen artean, gazteen %60 soilik ari da ikasten bere adinari dagokion mailan. Eskola porrota eta absentismo-indizeak oso altuak dira eta horrek eragin handia du bizitzako arlo askotan, besteak beste, enplegu eremuan. Datuak oso kezkagarriak dira eta beharrezko ikusten dugu familia, haur eta gazteei hezkuntzaren garrantzia azpimarratzea.
Aditu eta profesionalekin lanean ari gara arazo honi aurre egiteko eta hainbat proiektu abiatu ditugu. San Adriango Alfonso X El Sabio eskolan adibidez, eskola eragilearen figura txertatu da eskola barruan nahiz kanpoan, ikasle, irakasle, familia eta inguruaren arteko bitartekotza egiteko. Pozik gaude emaitza onak izaten ari delako, hiru urtean dezente jaitsi da eskola-absentismoa eta familien eta eskolaren arteko harremana ere asko hobetu da.
Bestalde, eskertuko genuke hezkuntza komunitatetik guri buruzko uste txarrak uxatzen lagunduko balitzaigu. Lurralde honetan bost mende baino gehiago eramanagatik, ikusezinak gara, eskoletako liburuetan ez gaituzte aipatzen; eta gutaz hitz egiten denean txarrerako izan ohi da. Haur eta gazte guztiekin estereotipo horiek hausten saiatu beharko genuke.
Ekimen ugari
Erakunde askorekin elkarlana eta indar metaketa bultzatzen saiatzen gara. Horregatik harreman handia dugu SOS Arrazakeria edota Pobrezia eta Giza Bazterkeriaren Aurkako eta Zurrumurruen Aurkako sareekin. Ez dugu soilik ijitooi eragiten diguten aferetan parte hartu nahi, pertsona guztion ongizatearen alde baizik.
Ekimen asko dugu martxan, eta beste hainbeste babesten dugu. Berdintasunera bidean emakumeekin lan egiteaz gain, Acción Contra la Trata elkarteak iazko otsailean abiatutako "Metachodemacho / Gizonkeriatik Gizontasunera" kanpainan ere gure aletxoa jarri genuen, gizonen rol eta pribilegioak iraunarazten dituen egungo maskulinitate eredua zalantzan jartzeko beharra ikusten dugulako. Uste dut ijitook ere hor egon behar dugula, asko baitugu ikasteko eta lantzeko.
Halaber, azken hilabete hauetan, Gaz Kaló, Sabicas Etxea eta Hezitzaile Eskolako Animazio Soziokulturaleko hainbat ikasleren elkarlanari esker Iruñea Calía ezagutarazteko iniziatiba turistikoa diseinatzen ari gara. Bestelako ibilbide turistiko bat sortu nahi dugu, kultura calíaren eta hiriko ijitoen begiradatik abiatuta. Iragan martxoaren 16an ibilbidearen lehen entsegua egin genuen hainbat erakundetako eledunek lagunduta eta oso ongi atera zen; gustukoa izan zuten eta epe motzean martxan jarri nahiko genuke. | news |
argia-b57754c70ad6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/maria-arnal.html | "Diskurtso baten bidez azaldu ezin dena komunikatzeko balio du musikak" | Lander Arretxea | 2018-04-22 | "Diskurtso baten bidez azaldu ezin dena komunikatzeko balio du musikak"
Gezurra badirudi ere, ez dira urte asko itzultzaile lana utzi eta kantatzen ikastea erabaki zuela. Marcel Bagés eta bere gitarra lagun, 45 cerebros y un corazón LP txalotu bezain saritua kaleratu zuen iaz. Bira etengabean ari dira geroztik. Leioan eskaini duten kontzertuaren aurretik elkartu gara solasaldirako.
Marcel Bagés soinu probak egiten utzita etorri da hitzordua jarrita genuen tokira Maria Arnal abeslari kataluniarra. Nekatuta dagoela esan digu, baina elkarrizketa hasi orduko, bizi-bizi nabaritu dugu guk. Ez da badaezpada isilik geratzen den horietakoa.
Memoria da disko osoa lotzen duen harietako bat, baina hala ere, azpimarratu izan duzu ez dela memoria historikoari buruzko lana.
Musika tradizionalari ikuspegi nostalgiko eta erromantikotik begiratzen zaio askotan. Guk ez dugu horretan geratu nahi izan. Fonoteka digitalizatutako artxiboekin eta landa-grabaketekin egin dugu lan, baina museotik atera nahi izan ditugu abesti horiek, gaur egunera, eta batez ere, gurera ekarrita, erabilgarriak izan daitezen. Ezaugarri bereziak dituzten abestiak dira, egile indibidualik gabeak, eta horrek baimendu digu nahi beste moldatu eta egokitzea. Egin ditugun abesti guztietan badago memoriara gaur egunetik hurbiltzeko modu konplexu eta pertsonal bat. Hori oso argi adierazten du diskoaren izenburuak berak: "45 burmuin eta bihotz bat". Duela hiru urte hobi batean momifikatuta aurkitu zituzten gorpuez hitz egiten du. Baina guretzat horretaz hitz egitea ez da memoria historikoa lantzea, orainaldiari kritikoki begiratzea baizik.
Ez da ohikoa gai horri heltzea…
Badago Trantsizio garaitik datorren kontakizun bat dioena zauriei utzi behar zaiela ixten, ez dela atzera begiratu behar… Horren guztiaren ondorioa dira Europako alderdirik ustelena gobernuan egotea, gaur egungo zentsura, eskubide-urraketak… Eta okerrena da orokortzen eta normalizatzen ari direla urraketa horiek. Halako gaiez ez hitz egitea, edo musikatik kanpoko gaietan ez busti nahi izatea ez dator bat gure proiektuarekin. Gure lana edo proposamena ez da abesti zerrenda baten interpretazioa soilik. Guretzat orainaldia ulertzeko begirada zabaltzen duen zerbait da musika. Diskurtso baten bidez azaldu ezin direnak komunikatzeko balio du.
Zentsura aipatu duzu. Horrek auto-zentsura ere badakar hainbat artistarengan. Zuen kasuan ordea, ez dirudi hala denik. Proiektu musikalaren aitzakian, toki askorik izaten ez duten gaiak eraman dituzue hedabideetara.
Nik asko errespetatzen dut sortzaile bakoitzaren hautua; egin dezala norberak nahi duena. Baina hori esanda, ni bide honetan kokatzen naiz, musikari eta artista gisa nire interesa hori delako: kontzeptu eta emozio batzuen bidez eragitea, posible den neurrian, errealitatea eraldatzeko. Ahaztu egiten bazaigu ere, errealitatea denon artean eraikitzen dugu.
Nostalgikoek garai bateko protesta abeslarien oinordekotzat hartu zaituztete. Eroso zaude horrekin?
"Guretzat, hobietatik ateratzen dituzten gorpuez hitz egitea
ez da memoria
historikoa lantzea, orainaldiari kritikoki begiratzea baizik"
Protesta-abestien etiketa jarri digute, bai, baina uste dut aurreiritzietan oinarritutako etiketa horiek ez dutela mesederik egiten. Oso pentsamendu mugatzailea dago etiketen premia horren atzean. Askoz interesgarriagoa eta aberasgarriagoa da deskribapen horien mugetan aritzea, errealitatea konplexua eta irekia delako. Ikuspegi kritiko batekin egindako musika mendebaldeko momentu historiko jakin batekin lotzen da; espainiar estatuko "protesta" abestiak, adibidez, Trantsizioarekin lotzen dira, kantautoreekin, gitarrarekin… Baina gaur egun, hip-hop-ak adibidez, antzeko funtzioa du: orainari begiratzen dio modu kritikoan, eta zalantzan jartzen ditu botere egiturak eta pribilegioak. Ez nuke esango ikuspegi kritiko batetik egindako musika desagertu denik, beste forma batzuk hartu dituela baizik.
Niño de Elche musikariak sorkuntzaren indar eraldatzailea edukietan baino, egiteko moduetan dagoela aldarrikatzen du. Bat zatoz?
Bai, noski. Feminismotik ikasi dugu pertsonala eta intimoa dena ere eraldaketa espazioa dela. Gure proiektuaren oinarrian zaintza dago. Ez bagenu elkar zainduko, daukagun talde txikiarekin eta hain bira luzearekin, ez litzake jasangarria izango. Egiteko moduetan ere ahalegintzen gara beti zintzotasunez jokatzen, ezkutuko kalkulurik gabe. Kontraesanei ere ez diegu beldurrik: proiektua asko hazi da eta gure bizitza eraldatu du, ez gaude hasi ginen leku berean. Saihestezina da momentu batzuetan ikustea gauza batzuk ez datozela bat hasieran egiten zenuenarekin, baina horregatik da garrantzitsua zure buruarekin eta besteekin zintzoa izatea.
Asko galdetzen dizuete kontraesanengatik, halako proposamen batek arrakasta izatea susmagarria balitz bezala…
"Purutasuna ez da existitzen eta guk kontraesanak gurekin
izan ditugu abiapuntutik"
Purutasuna ez da existitzen. Guk landu dugun musika tradizionala bera ere gauza askoren nahasketa da. Bizitza errealean ere joko horretan gabiltza, elementu askoren arteko orekan. Europarrak gara, zuriak, pribilegioz josiak… Kontraesanak gurekin izan ditugu abiapuntutik bertatik. Garrantzitsuak eta zintzoak iruditzen zaizkigun gauzak esaten ditugu. Zenbat eta jende gehiagok konektatu horrekin, orduan eta hobeto.
Jendea ez da duen indarraz ohartzen. Hala dio zuen abestietako batek.
Joan Brossa-ren poema bat da, esaldi hori behin eta berriz errepikatuz hasten dena. Asko gustatzen zait esaldia, eta ez soilik ikuspegi kolektibotik begiratuta, baita indibidualetik ere. Denok dugu gure barruan gu geu boikotatu eta ahultzen duen ahots bat. Niño de Elchek dioen moduan, barruan dudan kapitalistaren kontra borrokatzen dut nik. Norberak bere buruarengan konfiantza izatea garrantzitsua da, konfiantza hori kolektibora ere eraman ahal izateko. Zuzenekoetan, inflexio puntua izaten da abesti hau.
Argazkia: Dani Blanco.
Maila pertsonalean, afizioa zena ofizio bihurtu duzu, eta gauza asko aldatuko zituen horrek. Oraintxe siesta bat egiteko premia aipatu diguzu, baina hemen egon behar, elkarrizketa egiten…
Askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait elkarrizketa siesta egitea baino. Benetan sinestezina da gertatu zaiguna, oso zorioneko eta esker oneko sentitzen naiz, etengabeko salbuespen egoera batean banengo bezala. Zaila da horrelako zerbait gertatzea. Lagun asko ditut, neskak gehienak, sekulako talentua dutenak eta etengabe beren buruari balioa kentzen diotenak. Ni itzultzaile lanetan nenbilenean ere ez nuen uste ondo abesten nuenik, eta begira non nagoen orain. Nahi nuke nire bide honek balio izatea haientzat, ikus dezaten posible izan daitekeela. Nahikoa boikotatzen gaituzte bestela ere, ez dezagun guk gure burua boikotatu.
"Ikuspegi kritiko batetik egindako musika ez da desagertu, beste forma batzuk hartu ditu"
Zer da Compartir Dóna Gustet , eta zenbateko eragina izan du zuengan?
Kolektibo bat da, ahozko tradizioko musika eta sareko lizentzia libreak lotu dituena hainbat proiekturen bidez. Bertan lanean aritu nintzen ni, hedabideekin harremana eta komunikazioa jorratzen. Kolektiboa bultzatzen duen pertsona Marc Sempere da, eta berak jarri gintuen Marcel eta biok harremanetan. Proba egin genuen, eta gaur arte iritsi gara batera. Eragin handia izan du, beraz. Asko ikasi genuen bertan Creative Commons lizentziez, eta gure lanak ere lizentzia horrekin eman ditugu argitara.
Denbora asko da bira hasi zenutela. Baduzue sortzeko tarterik?
Zaila da, baina ezinbestekoa. Birak urtebete iraun behar zuen, baina izan duen arrakasta ikusita, luzatu behar izan dugu. Baina ez genuen sentitu nahi aspaldi sortutako zerbait errepikatzen ari ginenik. Horregatik birpentsatu dugu zuzenekoa, orain egiteko gogoa dugunaren antza handiagoa izan dezan.
Bigarren diskoari begira bide berriak urratzeko asmoa omen duzue.
Gure prozesua eta lan guztia batzen duena esperimentatzeko grina da. Hasieran horretarako abiapuntua landa grabaketak izan ziren, besteak beste abesti horiekin hasi nintzelako ni kantuan ikasten. Bide hori asko landu dugu, eta gugan dago nolabait. Baina aldi berean, hogeita hamar urte inguru ditugu, musika asko entzuten dugu eta badugu beste bide batzuk lantzeko gogoa. Zerbait elektronikoagoa nahi dugu egin, baina beti ere soinu eta oinarri horiek gure instrumentu propioekin sortuz. Horretan gabiltza orain. | news |
argia-3abb6850be93 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/hilekoari-beha.html | Bizitza ez baita lineala, biribila baizik | Ane Labaka Mayoz | 2018-04-22 | Bizitza ez baita lineala, biribila baizik
Emakume gorputz ezezagunak, estu hartuak, minduak, aurreiritziz estaliak. Ione F. Zabaleta eta Enara I. Dominguez irundarrak kritikoak dira ginekologia molde hegemonikoarekin. Norbere gorputzak ezagutu, behatu, eta jakintza elkarren artean trukatzea lehenesten dute. Helburua errealitate samurragoa eraikitzea da. Hilekoaren nondik norakoak azalduz autoginekologian pausoak emateko bidea erakutsi digute.
Ione F. Zabaleta (1991, Irun) eta Enara I. Dominguez (1984, Irun) Ara!Gorputz elkartea sortzeko bidean dabiltza, gorputz eta identitate periferikoak –eta horien artean emakumeenak– ardatz izango dituzten jarduerak lantzeko asmoz.
Erika Irustak gidatutako hilekoaren inguruko ikas-komunitatean egin zuten topo duela bi urte inguru, artean bizilagunak zirenik jakin gabe. Ordutik, Dominguezek Viviendo en cíclico proiektua garatu du bere kasa eta biek ala biek hainbat formakuntzatan parte hartzen jarraitzeaz gain, BulbAhizpak taldea ere sortu dute beste kide batzuekin batera, gorputza erdigunean jarri eta ginekologiari buruz jarduteko.
Urratzen ari diren bidea ikerketa eta erreferente gutxikoa –Kataluniako GynePunk eta Mexikoko Vulva Sapiens aipatu dituzte– dela diote. Alabaina, jakin-mina jakintza bilakatzen asmatzen ari direnez, hilekoari eta "ziklikoki bizitzea"-ri buruz hitz egin digute.
Biolentzia lineala
Gorputz eta identitate periferikoen artean kokatzen dituzte hilekoa duten gorputzak eta hilekoa prozesu fisiologikoa izateaz gain, eraikuntza kulturala ere badela azpimarratzen dute etengabe.
Gorputz periferiko horiek ez dira linealtasuna oinarri duen sisteman txertatzen. Gainera, bien iritziz, XX. mendeko 70eko hamarkadako iraultza feministatik hasita berdintasuna aldarrikatu eta emakumea gizonezkoa bezain indartsua zela erakutsi nahi izan da. Zabaleta eta Dominguezentzat ezin da zalantzan jarri indartsu izatearena, baina ikuspegi ziklikoak, zaurgarritasunak eta gorputz hauskorrek ez dute lekurik ideia horren baitan.
Sormena lantzeko eta arte aktibismorako bide ere bada. Hilekoarekin marraztea, adibidez, hilekoa zikintasunarekin lotzeari uzteko bide bat izan daiteke
Hauskortasun hori, gainera, medikalizatu eta isilarazia izan da, era indibidual eta isolatuan biziarazia. Osasun sistemak eta gizarteak mina normalizatu dute. Horregatik, sistema kapitalista "krudela" gorputzetatik lehertarazi eta errealitate "samurrago" bat eraikitzea dute helburu, euren proposamena eta egungo sistema ez baitira bateragarriak.
Zikloaren faseak
Lau fase nagusi bereizten dituzte. Lehena "hilekoaren fasea" litzateke eta fase honetan gorputzak esfortzu handia egiten duela gogorarazi dute. "Obu-aurrekoa" deitzen dioten fasean, aldiz, energiak gorantz egiten du estrogenoen igoerarekin batera. Beraien ustez, hori da sistemaren baitan ondoen moldatu gaitezkeen fasea, gorputz normatiboetatik gertuen gauden unea baita. Hirugarren fasea "obulazio fasea" litzateke, horretan progesterona hormonak egiten du gora eta zaintzak erdigunean jartzea ohikoa bilakatzen denez hori ere sistemak gogoko duen garaia da. Laugarren fasea da gehien gutxiesten dena, "hilekoaren aurrekoa" izendatzen dutena eta fase horretan printzipioz progesteronak gorantz jarraitzen du.
Enara I. Dominguezek "Ziklikoki bizitzen" webgunea dauka eta hor hilekoaren odolez egindako marrazkiak bildu ditu.
Horietako bat da argazkikoa.
Zabaleta eta Dominguezen ustez, azken hori da sufrimendua saihestekotan arreta gehien jarri beharreko fasea. Izan ere, etapa horrek "sindrome" asmatu bat ere badauka, 200 bat sintoma dauzkana. Sindrome horren diagnostikoak bat egiten du arazoa gure gorputzetan kokatzeko joerarekin eta ez die, inondik inora, min hori sortzen duten bizi-baldintzei erreparatzen. Barrura begira eta hauskor sentitu ohi dira eta hauskortasuna adieraztea iraultza da beraientzat, sistema produktibistaren arrakala handitzeko beharrezkoa baita.
Biek irmoki defendatzen dute hilekoak berez ez duela zertan min eman eta estutasuna sentiarazi: "Sistema da min ematen duena". Gizarte hiperazeleratuak eta elikagaietako kutsatzaile endokrinoek, esaterako, hiperestrogenismoa garatzen lagun dezakete. Progesterona hormonak eragin sedatzailea dauka, lasaitu egiten gaitu eta obulazio eta hilekoaren aurreko fasean progesteronarik sortzen ez bada estrogeno maila oso altua mantentzen da eta horrek sufrimendua eragin dezake.
Dominguez eta Zabaletaren hitzetan, osasun sistemak kaltegarriak diren pilula antisorgailuak jartzen ditu eskura horien inguruko informazio orokorrik eman gabe, izan ditzaketen ondorio kaltegarriak aipatu gabe, ugaltzeko makinatzat hartuta. Gerora obulatzeko arazoak dakartzate askotan, eta berriro ere medikalizazio prozesuetan hastea gomendatzen dute. Hilekoari buruz soilik hitz egin beharrean, ziklo obulatorioari ere arreta jartzea aldarrikatzen dute. Izan ere, beraien hitzetan, "amatasunaz hitz egiterakoan baino ez dugu jartzen arreta obulazioan, hau da, haurdun geratu nahi dugunean".
Norbere gorputzari beha
Norbere zikloa behatzea ezinbestekotzat dute. Hilekoari beste esanahi bat ematea da bidea: "Altxor bat da zure gorputza ezagutzea eta hilekoak horretarako baliabideak ematen dizkigu".
Enara I. Dominguezek hilekoaren odolez egindako marrazkia.
Idazketa tresna bezala aldarrikatzen dute, Erika Irustak dioen moduan, gorputza hain isilduta daukagunez opakua baita guztiz. Buruaren tranpetan ez erortzeko beharrezkoa da gorputzari tartea ematea eta idazketak horretan laguntzen duela diote.
Ezagutzarako bidea hainbat modutan egin daiteke, hala ere. Idazketa librea edo ordenatuagoa –aurrez zehaztutako irizpide batzuen araberakoa– baliatzea da aukera bat, baina beste adierazpide batzuk lantzea ere egokia izan daiteke.
Behaketa, zenbaitetan, anatomikoa bakarrik izaten da, obulazioa neurtzeko, desorekaren bat identifikatzeko… muki zerbikalari erreparatuta, esaterako. Zenbait erabakitan lagundu dezake autoezagutzak, fasekako elikagaien aukeraketan, besteak beste.
Zabaleta eta Dominguezentzat diziplina da, autozaintzarako balio du, baina baita jolaserako ere. Beraiek umorea ardatz hartzen dute eta alter egoak izendatu dituzte fase batzuetako pertsonaiekin. Elkarren artean ulergarri diren kodeak sortzen dira horrela eta gertukoenak zein fasetan dauden jakiteak zaintza kolektiboa errazten du, bien iritziz.
Sormena lantzeko eta arte aktibismorako bide ere bada. Hilekoarekin marraztea, adibidez, hilekoa zikintasunarekin lotzeari uzteko bide bat izan daiteke. Ukitzekoa, usaintzekoa… eta erabilgarri bilakatzen da. Odola jaso eta naturari itzultzea, aurpegirako maskarak egitea, eta beste hainbat aukera aipatu dituzte. Plastikozko konpresetan zaborrontzira edo komunetik behera ez botatzeak sinbolikoki eta praktikoki duen indarra azpimarratu dute. Funtsean, zikina izatetik baliotsu izatera igarotzen da.
Eguneko jarduerak zikloaren arabera antolatzea baliagarria izan daiteke. Adibidez, hilekoaren garaian janari pisutsuak jateari utz dakioke, tarte batzuk har daitezke "ezer ez egiteko" edo "obu-aurreko" fasean energia handia izaten denez gorputza mugitzeko eta kirola egiteko balia daiteke
Eguneko jarduerak zikloaren arabera antolatzea ere baliagarria izan daiteke. Adibidez, hilekoaren garaian janari pisutsuak jateari utz dakioke, tarte batzuk har daitezke "ezer ez egiteko" edo "obu-aurreko" fasean energia handia izaten denez gorputza mugitzeko eta kirola egiteko balia daiteke. Obulatze fasean zaintza-ardura gehiegi ez hartzea, autozaintzari garrantzia ematea eta "hilekoaren aurrekoan" emakumeak zaurgarriago egoten direnez samurtasunez inguratzea eta hausnarketarako tarteak hartzea aipatu dute Ara!Gorputz elkarteko kideek.
Jakintza kolektiborantz
Aluaz ezezagutza handia dago eta gizartearen iruditegian beldurgarri izan daitekeen zerbait dela dio Zabaletak, bai bulbadunentzat bai gainerakoentzat ere.
Iruditegi horrek asko mugatzen du aluaren inguruan dakiguna. Oro har, ez dakigu bulbak nolakoak diren eta askotan erakutsi zaigun eredu estandarra errealitatearen aurkakoa da. Kanpoko ezpainak, esaterako, ezpain handitzat izendatzen dira gaztelaniaz, kasu askotan hala ez izan arren.
Sistema mediko-ginekologikoa kritikagarria da zentzu askotan. Hastapenetatik hasita, AEBetan esklabu bulbadunak erabiltzen zituzten esperimentuetarako. Geroztik, gutxi ikertu da eta oraindik ere ez da hausturarik egon paradigma esklabista horrekin. Emakumeen gorputzekin esperimentatzen jarraitzen da, kaltegarriak direla frogatuta dauden tratamenduak gomendatzen dira eta arriskuen inguruko informazioa ezkutatzen. Kolonizazioa gure gorputz eta bulbetan daramagula diote bi solaskideek, "hainbat gizonezko 'aurkitzaile'-ren abizenak dituzte gure genitalek eta erabat normaltzat hartzen dugu".
Zabaleta eta Dominguezen arabera, horren aurrean ahalduntzeko beharrezkoa da norbere ezagutza eta behaketa. Ezinbestekoa da hormonen dantzaz jabetzea, gorputz bakoitzak historia bat baitarama grabatuta. Bestetik, beharrezkoa da gorputzen kultura berri bat sortzea, ezagutza eta esperientziak kolektibizatuz.
Ara!Gorputzen baitan garatzen ari diren autoginekologia ildoaren bidez beraiek paradigma esklabista deitzen diotena hausteko bidea jorratzen jarraitu nahi dute. Horretarako jakinduria modu kolektiboan eta eremu balioztatuetatik (medikuntza hegemonikotik, akademiatik…) at sortu nahi dute, eta helburua errealitate samurrago bat eraikitzea da. Autokudeatutako ginekologia talde txikiak sortu eta Euskal Herrian sarea ehuntzea dute amets. | news |
argia-13699a9013b5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/oroitzapenen-xerka.html | Oroitzapenen xerka | Andrea Zubozki | 2018-04-22 | Oroitzapenen xerka
Lor Roar taldeak Miarritzen urrian eman zuen kontzertuaren kronika. Atabal aretoak Ozeanoaren Museoan antolatua.
Hiru pertsona beltzez bezti, bakoitza mahai batekin bere aitzinean. Mahai gainetan, sintetizadoreak, sanplerrak, filtro makinak, eta beste. Gitarra elektrikoa gibelean, baxua ondoan. Gitarra klasikoa bazter batean. Pad-ak ere, bateria eta beste soinu batzuk simulatzeko. Bakoitzak mikrofono bana.
Low Roar taldea ez da eskuak hutsik etorri Miarritzeko kontzertu honetara! Hainbat tresna, kable, makina... ongi, baina horrek arazo teknikoak ekartzen ahal ditu... Eta hala gertatzen da bigarren kantan! Gitarra elektrikoak "ez du funtzionatu nahi". Taldekide batek horrelako zerbait esaten digu ingelesez (ez dut erdia ulertzen). "Pedala gutxiago erabiliz, agian funtzionatuko zian" (ene baitan). Efektu pedal asko ditu gitarristak, baina funtzio berekoak; erreberberazioak, delayak, harmonizadore bat, distortsioak. Denak analogikoak, eta trafikatzen ditu kanten artean, ez bada kantan berean.
Arazo tekniko horrengatik paniko txiki bat instalatzen da oholtzan. Hirugarren kantako sanplerra bota eta gero, momentu eder bat agertzen da; taldekideek, keinuen bidez, adosten dute bakoitzak zer eginen duen kantu horretan. "Zuk gitarra?" gitarra mimatuz, "nik bigarren boza" mikrofonoa erakutsiz eta bi eri altxatuz.
Rolak trukatzen dituzte, gitarran, baxuan, Padean, sintetizadorean. Low Roar taldeak ongi kalkulatu du zer egiten ahal duen sei esku eta hiru ahotsekin. Sanplerrak anitz erabiltzen dituzte, hala nola erritmo esaldiak igortzeko. Haien soinuak landuak dira, goxoak, eta beti egokiak momentuan ematen duten kantuari.
Low Roarrekoek, elektro-folk-pop-dance nahasketa (eta askoz gehiago) eskaintzen digu. Haien kantuak beti ebidenteak dira. Ikaragarri ontsa eramanak. Iduritzen zait taldea ez ezagutu arren, abestiak hasi aurretik barneratuak ditudala. Momentu horiek ederrak izaten dira.
Bainan gehien maitatzen dudan momentua, kontzertu erdian aurkitzen da; berriz ere, abesti berri batekin, lortu dute saltsa goraino iganarazten... eta hor, haustura egiten dute sanpler guztiak moztuz. Hutsune honetan, hiru ahotsen garbitasuna baizik ez da aditzen. Nahiko berezia da momentu hori: musikak flotatzen du airean, eta taldekideek oraina luzatzen dute, denbora elastikoa balitz bezala.
"Zenbat irauten du intenporalitateak?". Hamabost bat kantu eman eta gero, eszena uzten du Islandiar-estatubatuar taldeak. Eta publikokoei oroitzapen anitz. | news |
argia-d2b81febbc87 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/jauzi-elektrikoa.html | Jauzi elektrikoa | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2018-04-22 | Jauzi elektrikoa
Mikel Urakenen aurreko diskoa – Neguaren ostean , 2015– oso ona da. Berak bakarrik grabatu zuen, bere ahotsarekin eta gitarrarekin. Baina lan berria modu berean egin baino, beste bi lagunekin auzolanean egitea erabaki du eta beste modu batean. Horrela, David Tobal bateria jotzailearekin eta Gorka Pardo baxu jotzailearekin –Sisha Pagma eta Hauts taldeetan aritutakoak dira, hurrenez hurren– erronkari aurre egin dio, eta asmatu egin du, ederra baita lanaren emaitza, zirraragarria.
Aurreko lanean, euskal folkaren sustraietatik abiatuta, molde berri batzuk landu zituen Mikelek. Disko berrian jauzi bat aurrera egin du Daviden eta Gorkaren laguntzaz, jauzi elektriko bat, eta beste giro batzuk sortu dituzte, orain lasaiak eta leunak, orain biziak eta bortitzak, neurrian egindako marrazkiekin eta xehetasunekin ederki jantziak.
Oro har, kanta edo pieza luzeak dira, gure barruko hutsa, ahuldadea, ezintasuna, samina, beldurra eta bakardadea azaltzen dituztenak: "Gizakia naizela amets egin dut, amets, amets, gizakia bere hustasunean" ( Gizakia naizela ), "Mila hitz galdu, mila bizipen, josten goazen txatal zaharrak; bizi proiektu, amets erditze, heldu gabeko une hutsalak" ( Instant bat) , "Badakigu besteen lekuari gure lekutik kantatzeak une batez baino ez digula azkura jabalduko; gero, berehala, berriz kantatu beharko diogula gure ezintasunari" ( Besteen lekuan ), "Arima husten ari da, hasi da oinazea, itota geratu da zor nizun ixilunea" ( Ordu herdoilduak ).
Izaki bizidun berriak izenburuak berak azaltzen duenez, Mikel Uraken berri bat da, hiru buru dituen izaki berri bat. Kantuak Mikelek berak konposatu ditu –hitzak Gorka Erostarbek, Aiert Goenagak eta Gotzon Barandiaranek idatzi dituzte–, baina moldaketak hiru musikarien artean egin dituzte. Halaber, aipagarria da Ander Barriusok egin duen lana, soinu eta ekoizpen arduradun gisa.
Datozen egunetan jendaurrean ariko dira Mikel, David eta Gorka, Izaki bizidun berriak aurkezten. Besteak beste, apirilaren 19an Bilboko Kafe Antzokian, maiatzaren 5ean Tolosako Bonberenean eta ekainaren 2an Laudioko Orbeko Etxean. | news |
argia-ae8dfd254f53 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/kolonizazioa-jabegabetzea-eta-fikziozko-mugak.html | Kolonizazioa, jabegabetzea eta fikziozko mugak | Nora Barroso | 2018-04-22 | Kolonizazioa, jabegabetzea eta fikziozko mugak
Asko dugu ikasteko guztion bizitza –eta ez soilik talde batena– kontuan hartzen duten haiengandik, naturaren oparotasuna eta jarioarekin harmonian bizi diren komunitateengandik. Eta, aldi berean, guk ikasitako gauza asko deseraikitzeko daukagu.
Lolita Chavez (Ixim Ulew; Guatemala, 1971) K'iche' Herrien Kontseiluko ordezkaria da; ama naturaren, lurraren, eta giza eskubideen defendatzailea eta ekintzaile indigena. Komunitateko ageriko lana egiten hasi zenean, erasoak eta mehatxuak pairatzen hasi zen eta Abya Ayalatik ihes egin behar izan zuen; besteak beste, gure inguruko transnazionalek eragindako presio bortitzarengatik. Hala kontatu zigun Oreretako hitzaldian. Ez dator karitate bila, beraien egoeraren berri eman eta mugaz gaindiko elkarrekikotasuna aldarrikatzera baizik.
Arazoak ez dira soilik hango buruzagiek sortuak, gure inguruan oinarrizko kate-begiak daude. Transnazionalek, armek eta kolonizazioak hemen dute jatorria, eta Lolita Chavezek hala interpelatu digu
Arazoak ez dira soilik hango buruzagiek sortuak, gure inguruan oinarrizko kate-begiak daude. Transnazionalek, armek eta kolonizazioak hemen dute jatorria, eta Lolitak hala interpelatu zigun. Enpresa hidroelektrikoek ibaiei mugak jartzen dizkiete, energia "berdea" sortzeko. Gutxi batzuen mesedetan, ibaiaren bizitza eta haren ingurukoa merkatu-gai bihurtzen da, baina urtegien inguruko herriek argi-indarrik gabe jarraitzen dute. Titularretako energia "berdea"-k ingurune berdea suntsitu egiten du. "Jendeok ez-jende moduan tratatuak gara", adierazi zigun zorrotz, bertakoen bizitzak ez baitira kontuan hartzen.
Merkatu-gai bihurtze horren atzean, sistema kapitalistaren jabetza eredu bortitza dago, zeinean pertsonak eta natura salerosketarako objektu hutsalak diren. Baina dena ez zen hor hasi: inbasoreek lurrak hartu eta salerosketarako erabili zituzten duela ez hainbeste denbora. Lurraldeen eta pertsonen jabetza sakonago markatzeko, bertakoak kolore batekin janztera derrigortu zituzten. Gaur egun, kolonizazio mota hori guztiz barneratu eta egun folklore moduan jasotzen dute.
Eta, bitartean, komunitateak Ama Naturarekin egiten du bat, elkarrekin aurkitzen dizkiete arazoei erantzunak, beraien arbasoen hitzak dituzte presente, lurraren jabetzaren aurka borrokatzen dira, elkar sendatzen dute eta elkartasun kolektiboan mugak gainditzen dituzte.
Haiengandik asko dugu ikasteko. Gu ere pertsona kolonizatuak gara, eta aldi berean, beste lurralde batzuetako kolonizazio prozesuen barruan kokatzen gara. Kontzientzia hori izatea beharrezkoa da, baldin eta bizigarria den mundua nahi badugu. Kolonizazioaz ohartzeko, jabegabetze prozesuak abiarazteko eta irudizko mugak gainditzeko tenorea da. | news |
argia-ca1f62e548aa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/zurine-rodriguez.html | "Mugimendu feministak bake prozesuan parte hartu behar du" | Danele Sarriugarte Mochales | 2018-04-22 | "Mugimendu feministak bake prozesuan parte hartu behar du"
Zuriñe Rodriguez kazetariari beti interesatu zaio ea emakumeek zer rol bete dituzten gatazka armatuetan, baina konturatua zegoen beti dela errazago urrutiko korapiloak aztertzea norberarenak baino. Hara non, ordea, masterreko lanean zer gai landuko zuen erabaki behar zuen astean, orduantxe iragarri zuen ETAk behin betiko utziko zuela jardun armatua. Eta hala ekin zion Rodriguezek hura aztertzeari, gure hau.
ETAko emakumeak hedabideetan nola erretratatu dituzten, horixe ikertu zenuen aurrena.
Begien bistakoa da komunikabide konstituzionalistek jarrera misoginoa izan dutela ETAko militante emakumezkoen gainean, baina nik sumatzen nuen komunikabide abertzaleek ere izango zituztela halako jarrerak, bai progresistek bai kontserbadoreek. Eta hori aztertzen hasi nintzen.
Zer garai aztertu duzu? Eta zer ondorio atera?
ETAren historia osoa hartu nuen kontuan. Ondorio nagusia, hauxe: ZEN Plana [Zona Especial Norte] sortu zuenean Espainiako Barne Ministerioak, 1983an, komunikabideen politikak aldatu ziren, bietan, komunikabide konstituzionalistetan eta Euskal Herriko komunikabide abertzaleetan. ZEN planean badago atal txiki bat, zeinean biltzen diren komunikabideentzako gomendioak. Eta hor esaten da ETAko militanteen ohitura txar eta arraroei erreparatu behar zaiela. Horrek aitzakia eman zuen emakumeei buruz hitz egiteko komunikabideetan.
Zer aldatu zen?
Komunikabide konstituzionalista kontserbadoreak ( ABC , El Mundo eta La Razón ) eta progresistak ( El País ) misoginia hutsa erabiltzen hasi ziren. Adibidez, idatzi zuten militante jakin batek alutik adina isurtzen zuela odola pistolatik ( ABC ). Bestalde, komunikabide konstituzionalista ez-kontserbadoreek munstro bihurtu zituzten emakume militanteak. Ez dute inoren alurik aipatzen, baina terrorista odolzale gisa aurkezten dituzte. Horrela sortu zen adibidez Idoia Lopez Riañoren inguruko mitoa.
Eta Euskal Herrikoetan?
Medio kontserbadoreek ( Deia ) Espainiako hedabide aurrerakoien bidea hartu zuten: odolzalea, munstroa… Emakumetasunaren arrastorik ez, kasu batzuetan salbu. Komunikabide progresistek, aldiz, batez ere Egin -ek eta Gara -k, mitifikatu egin zituzten militanteak, baina glorifikazio horrek amatasunarekin zuen zerikusia batez ere. Zentzu horretan irakurketa desaktibista eta esentzialista zen. Horrez gainera, modu inkontzientean izanik ere, Espainiak asmatu dituen izengoitiak erreproduzitu zituzten, adibidez, Lopez Riañoren kasuan.
ETAko militante izandako beste emakume baten kasua ere aztertu duzu gertutik: Dolores Gonzalez Katarain Yoyes .
Gonzalez Katarain eta Lopez Riañoren kasuak hartu nituen haietaz hitz egin delako gehien komunikatiboki, eta bi garaitakoak direlako. Yoyes ZEN plana baino lehenagokoa eta Lopez Riaño, berriz, ostekoa, eta biak ETAtik aldenduak.
Aztertu nituen Yoyesen erailketa eta Yoyesen heriotzaren 30. urteurrena, eta ikusi nuen komunikabide konstituzionalista kontserbadoreek emakume horri militantzia barkatu ziotela: ez zuten militante eta terrorista ohi gisa aurkeztu baizik eta ETAk eraildako gisa. Denboraren poderioz, ordea, amatasunari eman zioten garrantzia. Erail zuten garaian, komunikabide konstituzionalistek hauxe esan zuten: ETAko buruzagia erail dute. 30 urte geroago, ordea, ama zelako erail omen zuten. Beraz ikusten da komunikabide horiek barkatu ziotela ez bere erabaki politikoagatik, baizik eta ama zelako, bueltatu zelako "bueltatu beharreko tokira". Eta zergatik diot hau? Bada Lopez Riañorekin justu kontrakoa gertatu delako. Nahiz eta hura ere ETAtik aldendu, komunikabide kontserbadoreek terrorista ohi gisa tratatzen dute eta segitzen dute bere itxuraren inguruko hamaika artikulu idazten.
2016an izan ziren 30 urte Yoyes hil zutela. Hemen nola bizi dugu gai hori?
Uste dut gure tabua dela. Oso gutxi hitz egin dugu haren inguruan, eta mugimendu feministan oraindik ez dugu hitz egin. Yoyesek bazeukan eguneroko bat, eta feminismoaren inguruko hausnarketa asko daude hor. Uste dut badela meloia irekitzeko garaia.
Komunikabideetako errepresentazioak aztertu ondoren emakumeekin eurekin biltzen hasi zinen.
Komunikabideak aztertzea oso bakartia zen eta muga bat zuen. Iruditu zitzaidan pauso bat gehiago eman behar nuela.
Argazkia: Dani Blanco.
Zer garaitako emakumeekin bildu zara? Zenbatekin?
Hasieran ETAren historia osoa hartu nahi nuen, baina zaila zen hainbat motibo tarteko (atxiloketa masiboak, kartzela, beldurra, estigma…). Elkarrizketatu ditut ETAren sorreratik (1956) ETA politiko militarra desegin artekoak (1982). Data hori hartu nuen zeren ETApm desegin zenean emakume batek irakurri zuen komunikatua, eta polita iruditu zitzaidan sinbolikoki. Bestalde, asko hil-hurren zeuden, eta urgentziazko kontua zen haiekin biltzea.
28 emakumerekin egon naiz. Erabaki nuen ez nuela nik epaituko nor zen ETAko kidea eta nor ez; haiei galdetuko niela. Zergatik? Bada sumatzen nuelako emakume askok ezin izango zutela ETAn sartu trabak izan zituztelako, beraz emakume batek esaten bazidan bere esperientzia kontatu nahi zidala, ez zela ETAn egon baina sartzeko ahalegina egin zuela eta arazoak izan zituela horretarako, bada nik onartu egingo nuen. Gero, bi profil sailkatu nituen: batetik ETAko emakumeak eta bestetik laguntza-sareko kide izandakoak, ez Espainiako Estatuak laguntza-sare moduan ulertzen duen zentzuan baizik eta feminismoak ulertzen duen moduan. Beharrezkoa iruditzen zitzaidan aztertzea nola sostengatzen ziren emozioak, janaria eta oro har politikotzat jotzen ez den intendentzia hori.
Zer-nolako bidea izan da?
Oso zaila… Elkarrizketatu ditudan emakume batzuek amnistia jaso zuten bere garaian, eta beste batzuek jada betea zuten kartzela-zigorra, beraz askok ez zuten ondorio polizialik jasotzeko beldurrik. Edonola ere ez zen denen kasua, batzuentzat arriskutsua baitzen beren esperientzia kontatzea. Horregatik, izengoitiak erabili ditugu. Hortik aparte, arazo pertsonal eta emozional asko topatu dut. Batzuek ezin zuten hitz egin herriaren estigmarengatik edo, beren historia kontatuz gero, herrian jakingo zutelako nor ziren. Hori bada ondorio bat: estigma handia dagoela oraindik. Zaila da gauza batzuen inguruan hitz egitea; azken batean, emakumeek hitz egiten dutenean gudariaren mitoa apurtzen da. Nik beti galdetzen nien ea bazegoen zerbait ez zutena aipatu nahi, lasai esateko eta ez niela hartaz galdetuko. Pentsatzen nuen izango zirela torturak, errepresioa… Baina askotan izaten zen amodioa, bikote-hausturak, umeen kudeaketa… Askotan, oztopo ziren patriarkatuarekin zerikusi zuzena duten gauza horiek.
Bestalde, traba handiak aurkitu ditut gizon abertzaleen aldetik. Askotan esan zidaten ni ez nintzela pertsona aproposa ikerketa egiteko, eta mila oztopo jarri dizkidate: biltzarretan betoa jarri, liburu akademikoetarako idazkiak ukatu… Nik argi daukat zergatik egin duten hori: ez zaielako nire ikuspegi feminista gustatzen. Misoginia hutsa. Alboan baditut kide batzuk ETAri buruzko ikerketak egiten dituztenak, gizonak direnak eta gazteak, eta ez dute inongo betorik jaso.
Bere garaian zuk zure buruari egin zenion galdera bat ekarri nahi dut orain hona: zer motibazioren ondorioz erabaki zuten emakume horiek ETAn sartzea?
Esan digute emakume asko ETAn sartu zirela beren bikotekidea han zegoelako, baina ikusi dut ez dela hala: nik elkarrizketatu ditudan emakume guztiek, batek izan ezik, motibazio politiko-ideologikoak zeuzkaten, motibazio arruntak, gizonen modukoak: Euskal Herri independente baten alde borrokatzea, frankismoaren aurka borrokatzea… Eta badaude arrazoi zehatz batzuk emakumeek aipatu zituztenak eta gizonek ez –gizonak ere elkarrizketatu baititut, hamar–: adibidez, gertakari tragiko baten eragin emozionala (gertuko zuten norbait hil edo torturatu izana), eta emakumeen erreferenteak (Burgoseko prozesuak eragin handia izan zuen zentzu horretan, ETAko hiru emakume militante epaitu baitzituzten: Itziar Aizpurua, Arantza Arruti eta Jone Dorronsoro). Horrez gainera, feminista moduan identifikatzen diren emakumeek hauxe esaten zidaten: "Ni terrorista sartu nintzen etxekoandre ez izateko". Emakume horiek sekulako zaplaztekoa hartu zuten, zeren askapen-mugimenduak ez dira hain askeak, baina bazuten herritik eta arautik aldentzeko gogoa.
"Orain ez dago ETAren biktimarik, baina emakumeok ere biktima politikoak gara"
Gatozen orainaldira. Nola ikusten duzu Euskal Herriko bake prozesua?
Zaila da. Ikusita zer-nolako bake prozesua den eta kontuan hartuta Espainiako Estatuaren inmobilismoak eraman gaituela beste formula batzuk adostera, uste dut horrek sekulako aukera eman dezakeela oinarrian edo bazterrean gauden subjektuek parte hartzeko bake prozesuan, baina prozesu hori ez da horrela bideratzen ari. Saiakera batzuk egiten ari dira, baina gehiago egin behar dira. Aieteko edo armagabetzeko argazkiak ikusita, argi dago gizonezkoak ari direla prozesu honen buruan. Uste dut hori gertatzen ari dela gizonek borroka egin dutelako eta beraz bakea ere eurek egin nahi dutelako, eta zentzu horretan uste dut batez ere interpelatu behar ditugula ezkerreko gizonak, baina baita mugimendu feminista ere. Mugimendu feminista, oro har, ez dago gatazkaren irakurketa kritiko bat egitearen alde. Kolektibo batzuk buru-belarri ari dira honetan, Bilgune Feminista kasu, eta bagaude satelite batzuk, baina oro har mugimendu feminista ez dabil honetan, eta niri beldur handia ematen dit horrek, uste baitut bake prozesu patriarkal baten aurrean gaudela.
Zergatik hartu behar luke parte mugimendu feministak bake prozesuan?
Euskal Herriko agente bat delako, ez dago besterik. Ezin duguna da sindikatu nagusiei deitu, gizarte-eragileei, gobernuz kanpoko erakundeei… eta mugimendu feministari ez. Nik uste dut mugimendu feministak ematen duela indarkeriaren irakurketa oso bat, eta zer egon da Euskal Herrian ez baldin bada indarkeria-egoera bat? Bestalde, zenbat emakume erail dituzte ETAk jardun armatua utzi zuenetik? Orain ez dago ETAren biktimarik, baina emakumeok ere biktima politikoak gara. Emakumeak, Ekai [bere buruaz beste egin duen gaztetxo transexuala]… heriotza politikoak dira horiek, guk biktimak dauzkagu oraindik, baina ez gara atera eta esan gizarte honetan gudan bizi garela. Euskal Herrian gure bake prozesua eraikitzen ari gara, balia dezagun aukera hori.
Amaitze aldera, eta gaiz beste, hiru amu bota nahi dizkizut. Bat: 2016ko apirilaren 9a, Feministok prest manifestazio nazionala; zergatik Gasteizen?
Beti galdetzen digute zergatik egin genuen Gasteizen, eta gu beti haserretzen gara eta erantzuten dugu: zergatik ez? Euskal Herriko mugimendu feministak antolatutako manifestazio bat zen, ez Gipuzkoako edo Bizkaiko mugimendu feministak antolatutakoa, eta Gasteiz Euskal Herria da.
2015eko udan, kriminalizazio-prozesu bat gertatu zen Gasteizen [mugimendu feministak ekintza bat egin zuen, emakumeek jai-espaziotan pairatzen dituzten erasoak salatzeko, eta horren ondoren Blusa eta Nesken Batzordeko ordezkariak salaketa ipini zien bi militanteri]. Bazegoen halako behar orokor bat manifestazio bat egiteko. Arabarrok aprobetxatu genuen eta proposatu genuen bertan egitea. Eta esan behar dugu zalantza asko piztu zituela barruan, eta halako paternalismo bat egon zela kanpoan (komunikabideetan) eta barruan. Mugimendu feministan hitz egiten dugu periferiako eta arautik kanpoko gorputzez eta diskurtsoez, bada, orduan, lurraldetasunari buruzko eztabaida kritiko bat behar dugu.
Bi: euskara.
Nik gaztelaniaz ikasi nuen eskolan, hura da nire lehen hizkuntza, eta euskara ikastea izan da militantzia bat, hautu politiko bat. Bollera politikoak garela esaten dugun eran, ni euskaldun politikoa naiz. Ez da jaiotzen, egin egiten da, posizio batetik gainera. Egia da euskara lehen hizkuntza moduan dutenek diskriminazioa jasaten dutela, handia gainera, baina hori da euskaldun subjektu bakar baten esperientzia, subjektu zuri gipuzkoarrari dagokiona batez ere. Uste dut subjektua zabaldu behar dugula. Gasteizen oso prozesu politak ari dira egiten euskararekin, ikaragarri handitu da euskara hitz egiten duen jende-kopurua. Euskara bigarren hizkuntza izatea ez da problematikoa, hori uste dugu iruditzen zaigulako lehen hizkuntza gaztelania dela, baina nire bizilagun Muhammedek, adibidez, arabiarra du lehen hizkuntza eta nirekin, ordea, euskaraz egiten du beti.
Hiru: ikerketa, unibertsitatean eta handik kanpo.
Zaila da unibertsitatean ikertzea, unibertsitateak men egin dielako nazioarteko estandar guztiz ero batzuei. Ni guztiz absurdu sentitzen nintzen publikatzen nuenean Herbehereetako aldizkari batean Euskal Herriko gatazkaren inguruko artikulu izugarri akademiko bat, hona ekarri gabe. Niri ikerketa soziala gustatzen zait. Gatazkaren eta memoriaren inguruko gauzak egiten ditut, eta behar dut gauzak lasaitasunez egin, ez bi urteko epean 28 emakumerekin bildu kontu oso mingarriez hitz egiteko, akademiak hori eskatzen baitizu. Akademia oso urruti dago errealitatetik eta herrian gertatzen diren gauzetatik, eta ziztu bizian ari da prekarizatzen. Langileak oso gaizki daude. Gainera, ezkerreko patriarkatu oso-oso potente bat dago, eta oso zaila da emakume feminista kritikoa izatea. Horregatik guztiagatik erabaki nuen kanpotik ikertzea. | news |
argia-d2dccb32667c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/oaxakatarrei-ekonomia-berdeak-bortizkeria-iraunkorra-eraman-die.html | Oaxakatarrei ekonomia berdeak bortizkeria iraunkorra eraman die | Pello Zubiria Kamino | 2018-04-22 | Oaxakatarrei ekonomia berdeak bortizkeria iraunkorra eraman die
Mexikoko Oaxakan Tehuantepec istmoa bilakatu da munduko haize-errota parke handienetakoa, erregai fosilak kiskaltzea gutxitu gabe energia berriztagarrietan txapeldun agertu nahi duten korporazio handien erakusleiho. Ekonomia ustez berdeak hor erakusten du, ordea, itzalpeko aurpegi itsusia: natur baliabideen lapurretaz kexu diren herritarrei konpainiek, gobernuak eta militarrek intentsitate apaleko gerraz erantzuten die. Kontrainsurgentzia zaharraren aplikazio berriak.
"Suntsiketak aurrera darrai. Ingurumena bakarrik ez dute suntsitzen: jende indigena eta ez indigenek beren ekosistemak, kulturak eta bizitzeko modu alternatiboak industrialen esku hartzearen aurrean defenditzeko dauzkaten egiturak ere suntsitu nahi dituzte. Gobernuek eta sozio dituzten enpresariek gerra deklaratu diete. Marcos komandante-orde zapatistak Laugarren Mundu Gerra deitu duen honek aurrera jarraitzen du, mundu osoan bezala". Alexander Dunlap unibertsitario holandarraren hitzak dira, berrikitan " Wind Energy: Toward a 'Sustainable Violence' in Oaxaca " titulupean plazaratutako txosten akademiko batean.
Amsterdameko Vrije unibertsitatean Antropologia Sozial eta Kulturalaren sailean ari den Dunlapek egonaldi luzeak egin ditu Tehuantepec istmoko herrietan barrutik ezagutzeko energia eolikoaren sustatzaileen eta herritarren arteko gatazkak eta baita Alvaro Obregon –zapoteken hizkuntzan Gui'Xhi'Ro')–hiriko gobernu indigena komunitarioaren sorrera eta garapena ere.
Tigre Basati a delako batek honela laburbildu dio egoera Dunlapi: "Diote haize-erroten garapenaren zergatia beroketa globalean datzala, baina iruditzen zait enpresaburuek aitzakiatzat darabiltela. Gure hizkuntzan beroketa globalari esaten diogu lurraren gaixotasuna . Ama Lurra eri da, baina dirua daukaten horiek Ama Lurraren eritasunari etekina ateratzen diote lehen nazioetako jendeari natur baliabide guztiak lapurtzeko. Osten ari zaizkigu gure ura, gure haizea, gure lurrak, gure oihanak".
Munduko Bankuak aspaldi idatzi zuenean Mexikoko Tehuantepec itsas bazterrak dauzkala "munduko haize baliabiderik onenak", Ipar aberatseko kapitalari non inbertitu erakusten ari zitzaion. 2000. urtetik 2016ra bitartean 27 parke eoliko eraiki dituzte bertan 1.800 haize-errota baino gehiagoz. Hasieran iparralde menditsuan zutitu zituzten errota erraldoiak, funtsean konpainia iparramerikarrek eta espainiarrek: Iberdrola, Acciona, Endesa, Gamesa... Primeran zetozkien 1992an Mexikok ezarritako Elektrizitate Legearen aldaketa eta AEBekin sinatutako NAFTA itun berria.
La Venta, La Ventosa, Santo Domingo Ingenio eta Union Hidalgo udalerrietako lekuko eliteek, pozarren sustatu zituzten parke berriak, konpainiei bide guztiak erraztuz ustez langabezia eta txirotasuna arintzera omen zetozen proiektuetan. Laster ikusi zen promesa gehienak gezur hutsak zirela eta aberastasunaren ordez eraso gero eta gogorragoak zetozkiela haize-errota berrien inguruan oztoporik jartzera ausartzen ziren bakanei.
Energia berdeak, ordea, gero eta etekin hobeak ematen zizkietenez, konpainiek eta gobernuak ekin zioten bigarren faseari, Tehuantepec istmoko hegoaldean. Zapoteka eta Ikoot etnietako jendeak bizi dira bertan, asko arrantzatik. Ez zieten ongietorririk egin. 2006an Mareña Renovables –orain Eolicas del Sur– hasi zenean Bii Hioxo parkea eraikitzeko planekin, ordurako abisua pasea zieten aurretik iparraldeko mendialdean haize-erroten miraria probatuta zeukatenek: "Guk pobre izaten segitzen dugu baina orain haize-errotaz inguratuta".
Izenez iraunkor , izanez jasan ezinezko
Herritarrei baimenik eskatu ez izana, ustelkeria politikoa, negozio berriaren etekinak ez banatzea, arrantzaleei beren lana eragoztea, eraikuntza berriek egindako suntsiketa ekologikoak... denak pilatuta lehertu zen jendearen haserrea Alvaro Obregon (Gui'Xhi'Ro') herrian. Konpainiak eta agintariek antolatutako erantzun bortitzak (jipoiak, mehatxuak, hilketak...) ez zuen konpondu egonezina.
2013ko otsailaren 2an borrokatu zen Barrako Gudu a, zeinetan matxinoek badia barruko barra defenditzeko blokatu zuten barrikadaz, alde egitera behartuz erasoan etorritako 500 poliziak. Hartatik sortu zen matxinoen polizia komunitarioa. Eta 2013ko abenduaren 8an bortizkeriarik gabe lortu zuten Gui'Xhi'Ro'ko udaletxea berenganatzea.
Geroztik bi bloke eta bi botere bizi dira elkarren ondoan ahal bezala Alvaro Obregonen. Alde batetik orain arte Mexiko osoan bezala hemen ere agindu duten alderdietako kide, funtzionario eta kazikeen bandoa, Constitucionalistas deituak –jende gehienentzako Los Contras – aginte zentralaren eta haize-erroten konpainiaren babesarekin. Bestetik Comunitarios jendea, klase askotako militante eta herritarrez osatutako blokea, polizia propioarekin eta indigenen ohiko ohitura eta legeen araberako elkarbizitza antolatzen saiatzen direnak. Honek ekarri du, Dunlapen analisian, intentsitate apaleko gerra zibil bat.
Intentsitate apaleko gerraz edo kontra-intsurgentziaz ari da, gobernu eta korporazio handiek matxinoen kontrako borroka asimetrikoa kudeatzeko erabiltzen duten tresna multzo zabala: operazio psikologikoak (PSYOP), hedabideen manipulazioa eta baita politika sozialen erabilera ere. 90eko hamarkadan, kanpaina polizial eta militarrak gero eta garestiagoak direla eta, neoliberalak garrantzia handia hasi zitzaizkion ematen gizartearen oniritzia lortzeari. Jendeen onarpena lortzeko estrategien artean aipatzen ditu Dunlapek Korporazioen Erantzukin Soziala (CRS ingelesezko sigletan) eta Proiektuen Aldez Aurreko Kontsulta (FPIC).
"CRS eta FPIC horiekin–dio Dunlopek–, Oaxakan ikusi den moduan, ahalegintzen dira gatazka goxatzen harreman publiko eta komunikazio sofistikatuen bitartez, diru garden eta ezkutuak erabiliz gizartea zatikatzeko eta herri galdeketak erabiliz proiektu estraktibo gatazkatsuei legitimitatea emateko. Askok bestela uste arren, ez CSR eta ez FPICek baimentzen diete ez indigenei eta ez beste ezein giza talderi martxan dauden proiektuak gelditzerik. Oso alderantziz, jendeak derrigortzen dituzte hautatzera: edo negoziatu, konpainiaren eskaintzak onartuz, edo borroka egin proiektuak gelditzeko".
Euskaraz garapen jasangarri eta iraunkor itzuli izan den sustainable development ideiak bere bidea egin du 1987an Brundtland txostenean aurkeztu eta 1997an Kyotoko gailurrean kontsakratu zutenetik: "Hitz batez, ekonomia berde deitua ez da Laugarren Mundu Gerraren jarraipena baizik, bestelako baliabidez. Oaxakan haize energiaren garapenarekin hala ageri da".
Guregandik hurbilago, Bretainiako Notre Dame Des Landesen inguruan ikusten ari garena Reporterre aldizkarian Herve Kempf kazetariak lotu du Gerra Zibil Mundial a deitzen duenarekin: "Funtsean mundu mailako gerra zibil bat ari da gertatzen, agintean diren klaseek daramatena mundializazioak zorabiatuta dauzkan herrien kontra, eta kapitalistek ezarritako shock estrategiari oraindik aurre egitea lortzen duten taldeen kontra". | news |
argia-29971dc91141 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/irunea.html | Hiriko lore eta landareen zientzia lantegia | Garazi Zabaleta | 2018-04-22 | Hiriko lore eta landareen zientzia lantegia
"Badirudi hiria ez dela leku aproposa landaredia ikusteko eta horren inguruan ikasteko, baina berez bada. Iruñeak, gainera, gune berde asko ditu, horietako zenbait gizakiak kudeatu eta maneiatuak, baina badira beste zenbait txikiak izanik ere oso interesgarriak eta erakargarriak direnak". Iosu Alfaro Vergarechea Iruñeko Ingurumen Heziketako Museoko kidearen hitzak dira. Hiriko lore eta landareei buruzko herritarren zientzia lantegia eginen dute apirilean zehar, lau saiotan.
Herritarrak botanikara hurbiltzen
Hiriko eta inguruko landareak, loreak, zuhaixkak eta zuhaitzak ezagutaraztea da lantegiaren helburuetako bat, baita jendeari zientziarako hastapenak ematea ere. "Lehen saioan landareen behaketak jasotzeko aplikazioak ezagutuko ditugu, eta interneteko web orrietan nola mugitu eta erremintak nola erabili ikasiko da", azaldu digu museoko kideak. Hurrengo hiru saioetan landareen ezaugarriak eta hirian topatu daitezkeenak nola identifikatu ikasiko dute parte hartzaileek, eta irteera eginen dute Aranzadi parkera ikasitako guztia praktikan jartzeko.
Iruñeko Udaleko ingurumen boluntario taldeari erremintak emateko asmoz antolatu zuten lantegia, baina hiritargoari ere irekia egotea interesgarria zela iruditu zitzaienez, edonork har dezake parte jardunaldietan, eta doakoak dira jarduera guztiak. "Aurreko hiruhilekoan antzeko saioak egin genituen hegaztien inguruan, eta arrakasta handia izan zuten, plaza guztiak bete ziren".
Gune berdeak, hiriaren birika
Natura ezagutzeko hirietatik landa eremuetara mugitzen da jendea, Alfaroren ustez, askok ez dakielako hirietan ere badagoela bioaniztasuna. "Badirudi kotxea hartu behar dugula natura ezagutzeko, eta hori ez da derrigorrezkoa. Hemen zortekoak gara gune berde asko ditugulako. Horiek ere izan daitezke natura ezagutzeko modu bat, eta modu ekologikoa, gainera".
Adibide hau jarri du Alfarok: "Jende askok ez daki Iruñean orkideak badaudela, parkeetan, medianetan eta errotondetan. Horiek ez dira gizakiak landatutakoak, antzinako basoetatik, larreetatik geratzen zaizkigun arrastoak dira, bizirik dirautenak". Hiriaren beste geruza bat, haren sustraiak, ezagutzeko aukera ematen dute landare horiek museoko kidearen ustez. Landare horiek mapeatzen eta kudeatzen ikastea izanen da lantegiaren erronketako bat, landareok etorkizunean kontserbatzea errazagoa izan dadin. | news |
argia-16fd8fea4e34 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/zone-a-defendre.html | Zone � D�fendre | Miren Artetxe Sarasola | 2018-04-22 | Zone � D�fendre
Notre-Dame-des-Landes herrian, Nantesko aireportutik hogei kilometrora, beste aireportu bat eraikitzeko proiektua diseinatu zen 60ko hamarkadan. Aurkari ugari izan ditu asmoak orduz geroz –ez zen alferrik pasa 68ko maiatza laborari-lur haietatik–. Berrogei urte pasatxoko borrokaldiaren ondoren, bestelako bideak agortuta, lurrak okupatzea erabaki zuten zenbait ekintzailek orain dela hamar urte. Laborantza eremuak berrartu, bizikidetza eredu bat eraiki, lan egin, iraun.
2012an prefekturak kanporatze agindua eman zuenean ehun bat lagun bizi ziren bertan. Ez harrokeria gutxiz, Zesar izena jarri zitzaion galiarren lurretan egingo zen operazioari. Alabaina, egun bakarreko kontua behar zuenak asteak iraun zituen. Bertako eta inguruko laborariak antolatu ziren. Ehunka pertsona hurbildu oihal-etxeak hartu eta bertan instalatzera. Barrikadek eutsi zieten gas negar-eragileei eta hortik gorakoei. Eta poliziak amore eman behar izan zuen.
Urtarril honetan jakinarazi zuen Macronek aireportuaren proiektuak ez zuela zentzurik eta bertan behera utziko zutela. Ez zakurrak zahia jan, ez oiloei utzi, ordea. Idazten ari naizen unean bi mila eta bostehun polizia ari dira ZADen, gerra-gurdi blindatu eta guzti, beraiek ere ez jakin zertan. | news |
argia-96e07ad21cd4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2595/kurka-kurka.html | Kurka-kurka | Jakoba Errekondo | 2018-04-22 | Kurka-kurka
Laboreekin egiten diren ardoetara itzuliz, ezker-aihena ( Humulus lupulus ) kontserbatzaile eta dasta mikatzaren eransle dute. Laboreak eta ezker-aihena uztartzeak makina bat zurrustada gozo sortua du, kurka-kurka, batik bat garagardoaren herrialdeetan. Lagun batek azaldu berri dizkit Belgikan egiten den Lambic gari-garagardoaren istorioxkak, eta arreta piztu dit.
Gari arrunta ( Triticum aestivum ) eta garagarra ( Hordeum vulgare ), bi labore horiekin egiten den ardo ezagunenetakoa da Lambic delako hori: %30-50 gari arrunta ( Triticum aestivum ) eta gainontzeko %50-70 garagarra ( Hordeum vulgare ). Osagaiez gain, batez ere bere bi ezaugarri deigarri zaizkit: iraunkortasuna eta mikaztasuna izan dezan, bizpahiru urtez zahartutako ezker-aihenarekin egiten da, eta ez diote legami jakin bat eransten, hartzidura naturala egiten uzten diote, eta inguruan duen edozein legamik eta bakteriak eraso eta hartziaraz dezake. Mahats, sagar edo udare ardoekin gertatzen den era berean. Hartzitzeko era horrek aparteko dasta ematen dio: ardoaren eta sagardoaren punttua, lehorra eta kutsu garratzekoa.
Gari-garagardo hori egiteko laboreen muztioa gau batez ontzi zabaletan hozten uzten da. Gero zurezko barriketan hartzitzen utziko da. Airetan hozteak eta zurak aparteko legamiak eta bakterioak eransten dizkio. Laurogeitik gora; tartean, oso ezaguna den Brettanomyces bruxellensis . Uda partean ez dute egiten, egokiak ez diren mikroorganismoek eraso ez diezaioten.
Ezker-aihena ugari erabili izan da iraunarazle aparta baita. Bakterioei aurre egiteko, litroko 8-9 gramo arte gehitu izan zaio. Horrek ematen dion dasta mikatza apaltzeko, ezker-aihen zahartua baliatzen dute, mikaztasuna eta dasta nabarmen arinduak dituena.
Lambic gari-garagardo tradizionala egiteko, aurrez, Porto, Xerez edo ardo arrunta egin duten haritzezko ( Quercus robur ) edo gaztainazko ( Castanea sativa ) ontzietan, hiru urte ere egon daiteke hartzitzen.
Urte bakoitietan, " Toer de Geuze " deituriko ibilaldi gidatua egiten dute Pajottenlanden ardo mota hau egiten duten upategiak bisitatuz... Ezkerrez aurrera, dastazaun! | news |
argia-757390ac3cea | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/euskara-ikusezina.html | Euskara ikusezina | I�aki Martinez De Luna | 2016-04-24 | Euskara ikusezina
Euskararen komunitatea badoa pixkanaka trinkotzen. Euskalgintza (herritarra zein instituzionala) gero eta sendoagoa eta eraginkorragoa da. Nabarmena da euskarak eremu horretan izan duen aurrerakada.
Bestelakoa da, aldiz, gizarte zabaleko dinamika. Bertan, urratsak modu lausotuan baino ez dira islatzen. Erabilera areagotzen doa, batez ere ume eta gazteengan, baina poliki eta lilurarik piztu gabe. Euskara ez da erreferente garrantzitsua gehiengoarentzat; ezta ume edo gazteentzat ere. Horren lekuko, adibidez, Amelia Barquinen blogak dioena: "Zure gurasoak astun samarrak dira euskararen kontu horrekin, ezta?". Gizarte giro eta alor gehienetan euskara ikusezina da. Edo, bestela, astuna. Ez da cool, ez du glamourrik .
Euskaraz kontsumitzen dena lekutan dago hiztun euskaldunen proportzioetatik. Ezezagunen artetik ezezagunenak tokiko komunikabideak dira
Ezin da esan ekimen interesgarri edo baliotsurik ez dagoenik. Produktu eta zerbitzu onak gero eta ugariagoak dira. Adibide polita Labur Bira Film Laburren Zirkuitua da. Euskaraz lantzen ari diren beste zenbait arlotako edukiak ere kalitatezkoak dira. Horren lagin ezin hobea literaturarena da. Baina, hainbat hizkuntzatara itzuliak izan diren euskal autoreak ezezagunak dira herritar askorentzat. Hurbilagoak eta baloratuagoak dira gurean gaztelaniaz edota ingelesez idazten duten egile asko, euskarazkoak baino.
Beste horrenbeste gertatzen da, bestalde, euskarazko hedabideekin. Euskaraz kontsumitzen dena lekutan dago hiztun euskaldunen proportzioetatik. Ezezagunen artetik ezezagunenak tokiko komunikabideak dira.
Berariazko sareak osatzen dituzten euskalgintzako lagunak (teknikariak, euskaltegiak, mintzapraktika taldeak, euskarazko kultura-guneak eta abar) dira euskarazko produktuak kontsumitzen dituzten bakarrak; ez, euskalduna izanik ere, edozein herritar arrunta. Eskaintza euskaldun konprometituen hesian gelditzen da. Salbuespen bat Loreak filma. Horrek gurean oihartzun zabala lortu du kanpoko erakusleihoetatik iritsi zaigunean; Goya eta Oscar sarien eskutik, alegia.
Kultura-produktuak izan edo hedabideak izan, ongi landuak diren ekimenak ez dira arrakastatsuak jendaurreko agertokietan. Horren arrazoi nagusia, jendaurreko plaza handia n ezezagunak izatea da. Duten erakarmen falta hortik abiatzen da. Ezagutu ezean, ezinezkoa da glamourra lortzea.
Joera orokor horretatik kanpo dago Korrika. Zergatik? Euskalgintzaren baitako eta kanpoko gizarte eragile mota askoren babesa eta bulkada jaso dituelako.
Baina, euskalgintzako eragileak elkarri bizkarra emanda agertzen dira ekimen gehienen aurrean. Ondorioz, ikusezina jarraitzen du izaten euskararen unibertsoak. Etorkizuna bermatu beharko dioten ume eta gazteentzat ikusezina. | news |
argia-4fafe9256cfa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/deabru-zura.html | Deabru-zura | Jakoba Errekondo | 2016-04-24 | Deabru-zura
Zuraz inguratua nabil azken aldi honetan. Basoak eta zuhaitzak gugan duen indarra, eta gure kulturan duen eraginaz dokumental galant horietako bat egiteko ardura tzarra hartua du bizkarrean Jon Maiak; Gutik Zura du izena eta bera gauzatzen sos batzuekin lagundu nahi duenak jo beza webgune honetara, www.verkami.com/projects/14630-gutik-zura. Galdezka etorri zait, eta ezin dut burutik kendu gure kulturak eta zurak duten eman-hartu estua.
Malerrekako Zubietan izan naiz aurreko asteburuan. Ezkurra errekaren erriberetan, Landan barrena ibili gara bertakoekin ikasten bertako landare, mendi, toki eta abarren izenak. Tartean bada Petrixeneko Lino Elizaldek landatutako zuhaitz bilduma polit bat. Han azaldu zuen jendeak zuhaitzotaz dakiena, denon ikasgai: mozkortu nahi baduzu honen fruitua jan, honen loreak ikaragarrizko usaina du, honen alea sagardoari nahasten zitzaion, txiletarra da hau; banan-banan pasa genituen aurrez aurre ezagutzeko. Horrelako aurkezpenak eginez ikasten da. Errekan beherexeago, bide bazterrean ezagutu genuen arbustua –arbustu arrunta edo japoniar arbustua– edo "deabru-zura" deitzen dena, Ligustrum japonicum. "Deabru-zura" hori nondik ote datorkio? Bere zura gogorra eta malgua da; ez da holakorik erraz aurkitzen. Adar berriak lokarri gisa erabili izan dira. Hortik ote datorkio izena, Ligustrum alegia? Plinio Zaharrak omen dio lĭgo,āre (lotu) aditz latinotik datorkiola. Upelak itxi eta irekitzen dituzten txotxetan ere ikusi izan dut zur hori.
Zubietako Landako bueltan zebilen Saldiasko Enekoren sendiak pinudia bota omen du, eta sos batzuk hartu omen dituztenez galdezka nuen ea zer zuhaitz landatu etoooorkizunari begira. Berak sasiakazia ( Robinia pseudoacacia ) aipatu eta zenbaitek kontuz ibiltzeko esan diola, inbaditzailea dela eta terreno muganteen jabeak kexu izango dituela, eta nik: egiten duena egiten duela, jartzen duena jartzen duela muganteekin triska beti izango duela eta sasiakaziarekin aurrera jotzeko, zalantzarik gabe! Sekuoiez ( Sequoia sempervirens eta Sequoiadendron giganteum ) ere jakin nahi zuen, eta alertzeaz ( Larix europaea ), eta nik zedroa ( Cedrus sp. ) aipatu nion, gure etxera etortzen denero hainbeste ferekatzen duen mahaiaren materiala. Horiez gain, Linoren bilduman ezagutu zuen kriptomeria ( Criptomeria japonica ) ere jartzeko. Basoen diseinua, etorkizuna. | news |
argia-79aa5716fd36 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/liburuak-eta-borrak.html | Liburuak eta borrak | Oihana Etxebarrieta | 2016-04-24 | Liburuak eta borrak
Angela Davisi gaztelaniara itzuli dioten azken liburuaren bila joan naiz liburutegira: Abolizioaren demokrazia. Kartzelak, arrazakeria eta indarkeria . Bi ale besterik ez ditu EAEko liburutegien sareak, eta oraingoz bietako bat bera ere ez eskuragarri. Apaletatik buelta bat ematera joan naiz eta haur literaturako sailean amaitu dut. Liburu artean barrezka zeuden ume batzuk isiltzera etorri da gizon bat. Buelta eman dut, harritu bainau gaztelaniaz haur txiki horiei hain modu bortitzean zuzendu izana. Eta hara non, segurtasun enpresa pribatu bateko gizon batekin egin dut topo, borra eta eskuburdinak soinean dituela.
"Zer egiten duzu zuk horrelako leku batean?" galdetuko nioke gustura asko (ligatzeko inolako intentziorik gabe noski).
Liburutegi batean horrelako irudi batekin topo egin dudan lehen aldia izanik, haluzinatuta kalera atera naiz. Ezin izan dut paradoxa burutik kendu. Buru askeen sorleku eta bultzatzaile beharko lukeen espazioan, "segurtasuna, zuzentasuna eta isiltasuna" bultzatzen dituen sinboloa sartu dute. Kartzeletan bakarrik ez, gure egunerokotasunaren espazio intimoetaraino sartu zaigu segurtasun-kontrol gizartea. Abolizioaren demokraziaz urgentziaz hitz egiteko garaia da. | news |
argia-107ada24f833 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/haziak.html | Harreman osasuntsuak ereiten | Mikel Garcia Idiakez | 2016-04-24 | Harreman osasuntsuak ereiten
Botere erlazioek kutsatzen dituzte gure eguneroko harremanak. Haur eta gazteen artean harreman desorekatuok iraultzea helburu, Haziak proiektua abiatu dute Oiartzungo ikastolan: ikasleen barruak mugitzeko, denetariko sentimenduak azaleratzeko eta elkarren arteko hartu-emanen eraginaz kontzientzia hartzeko balio izan du.
Lidergoaren gaiak protagonismo handia hartu du Koro Uria irakaslearen gelan; 11-12 urte dituzte bere ikasleek. "Liderrak nahi gabe egiten ditugu" bota du batek, eta hortik abiatu dute eztabaida. Lider izatearen alde onak nabarmendu dituzte gazteek: "Denek kasu egiten diote, famatua da, lagun asko ditu, ez da bakarrik sentitzen, berak egin nahi duena egiten dute besteek…". Eta baita txarrak ere: "Bakarrik egon nahi duenean kosta egiten zaio, beti berak hartu behar du erabakia, erabakitzen duena kopiatu egiten diote gainerakoek…". Tentsio momentu handiak izan dira, gelako liderrengana joan dira begirada guztiak, eta hasierako isiltasun orokorra gainditzea lortu dutenean, barruak askatu dituzte, hitza hartzeko ohitura gutxiago dutenak ere mintzatu dira. Egoera ugari azaleratu dituzte, liderrentzako mezuak egon dira, eta haiekin ados egon ez arren norbere erabakia adierazteko ausardiaz eta ezetz esaten jakiteaz aritu dira. Halaxe kontatu digu Koro Uriak. "Gaiaz hitz egin dugu, eta hurrengo aldian, adibidez arratsaldeko plana erabaki behar dutenean, hau guztia barneratua izango dute behintzat".
Haziak proiektuaren baitako esperientzietako bat da aurrekoa, Oiartzungo Haurtzaro ikastolan martxan jarria. Ikastola horretako guraso eta proiektuaren bultzatzaile dira Nora Barroso eta Nekane Martiarena. Beharretik sortutako proiektua dela diote, gizartean ez diogulako nahikoa denbora eskaintzen harremanei eta elkarbizitzari. "Botere harremana ikuspegi poliedriko batetik ulertzen dugu, forma ezberdinak hartzen dituelako: izan daiteke bullyinga, izan daiteke naturarekiko dugun erlazioa, gizonak emakumeengana indarrez zuzentzea…". Harreman desorekatuoz jabetzea da horiek iraultzeko lehen urratsa. "Haziak proiektuan ez dugu inor epaitzen, ez dugu esaten bakoitzak zer eta nola egin behar duen, ateak irekitzen ditugu, bakoitzak erabaki dezan: gelditu, pausatu, barrura begiratu, eta gero begiak ireki, barrutik begiratu ingurua, inguruarekin eta inguruko pertsona eta entitateekin ditugun harremanak, baita norbere buruarekin ere (sarri zama handiak jartzen dizkiogulako geure buruari), barrua eta kanpoa elkar elikatuz. Haserre gaudenean adibidez dena apurtzen edo besteei min ematen hasi ordez, segundo batez barrura begiratu eta benetan haserre zergatik gauden begiratzea ona da. Hortik aurrera, norberak ikusiko du zer behar duen, nola gestionatuko dituen bere sentimenduak", azaldu du Barrosok.
Norbanakotik taldera, ipuina eta komikia lagun
Lehen Hezkuntzako 2. mailan (7-8 urteko haurrekin) eta Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailan (10-12 urtekoekin) jorratu dute Haziak, urte bereziak direlako: LH2n, bost urte eman dituzte haurrek elkarrekin, eta rolak markatuta izan ohi dituzte ordurako. LH5-6n, aurreko urteko gelak nahastu eta berriak sortzen dituzte, egoerak eta harremanak aldatuz. LH2n "Enpatia" izan da landutako gaia, eta LH5-6n, "Norbanakotik talde funtzionamendura edo bizitzen ikastea".
Txikienek, enpatia gaiari heltzeko, egoera jakin bat sufritzen ari den Igel marroitxo ipuina erabili dute, eta 10-12 urtekoek, rol markatuak dituzten eta gertaera bati aurre egin beharko dioten lagunei buruzko BarruKLIK komikia. Material hori sortzeko, irakasleen ikuspegia funtsezkoa izan da, behar errealetatik abiatzeko, egunerokoan ikastolan bizi eta ikusten duten horretatik. Sorkuntza prozesuan, beste hainbat bidelagunen iritzia ere garrantzitsua izan da –adibide bat jartzearren, Antiju Morik herriko talde feministak materiala gainbegiratu du, genero ikuspegitik– eta jakina, haurren beraien parte-hartzean oinarritu dute materiala: egin ahala, gaztetxoei galdetzen eta aholkuak eskatzen joan dira, haien ikuspuntua txertatuz. Haziak egitasmoaren webgunerako ere, helduei bururatu ez zitzaien ekarpen ugari egin dituzte haurrek: txat-a, iritzia emateko leku baten beharra, hasieratik atal guztiak batera ikusi ahal izatea… Eta batik bat itsuak diren haurrengan pentsatuz, ipuin eta komikiaren audioak egin dituzte, materiala ahalik eta zentzumen gehienetatik iritsi dadin.
Koro Uria, irakaslea:
"Tentsio uneak izan dira, eta hasierako isiltasun orokorra gainditzea lortu dutenean, barruak askatu dituzte, hitza hartzeko ohitura gutxiago dutenak ere mintzatu dira. Egoera ugari azaleratu dituzte"
Saio bakoitzaren aurretik, hutsetik hasteko, arnasketa, erritmo, musika eta koloreekin jokatzen duten Barrurako bidean bideo eta audio laburrak ikusi/entzun dituzte, erlaxatuta ekiteko. Bakarka, taldeka eta orokorra (ikasgela osoa elkarrekin) izan da lanketa. Lehenik, ipuinaren edo komikiaren hasiera irakurri eta nahieran adierazi dute iradokitakoa (marrazki bidez, idatziz, gogoeta pertsonala eginez…). "Bakarkako une hori oso garrantzitsua da, sarri zuzenean taldeka heltzen diegulako gaiei, eta batzuei gehiago kostatzen zaie irekitzea, betikoek hartzen dute gain. Gero taldera eramateko gaitasuna izango dute edo ez, baina gutxienez aurretik nork bere tartea izan dezala", azpimarratu du Martiarenak. Ipuinaren hasieraz gain, bukaera ere irakurri dute ondoren, eta ausaz osatutako taldeetan, elkarrekin joan dira bidea adosten: "Triste nago eta zoriontsu izan nahi dut, horretarako bidea egingo dut, bakarka pentsatuz eta taldean eztabaidatuz, nahiz eta beharbada ideala ez lortu". Materiala irekia da eta bidean ezustekoak daude, istorioek interpretazio bat baino gehiago izan ditzakete eta bide ezberdinak egiteko aukera dago, baita ipuin edo komikia nahieran eta nahi beste osatzeko ere –orri edo bineta berriak txertatuz–. Talde dinamiketarako lagungarri, materialarekin batera galdera zerrenda prestatu dute ekimenaren sortzaileek.
Nora Barroso, Nekane Martiarena eta Koro Uria, Haurtzaro ikastolan.
Askebideak, etxeko lanketa eta herri osorako ekimena
Hitzaz gain, bestelako adierazpideak ere bideratu dituzte, "haur bakoitzak bere barne mundua azaleratzeko". Ikasleek lau askebide izan dituzte aukeran: ipuina (Pello Añorga idazle eta ipuin-kontalaria gidari), marrazkia eta irudia (Idurre Ugalde hezkuntza sortzailean aditua buru), gorputz espresioa (Odei Astibia perkusionistak zuzendua) eta rap-a (Odei Barroso raperoaren eskutik). "Rapa hautatu dutenek, esaterako, 'nik sufritzen dut' diote konposatu duten kantuan, sentitzen dutena argi adierazi dute musikaren bitartez", kontatu digute.
Etxean ere landu dute proiektua. 7-8 urteko haurren kasuan, galtzerdi batekin ipuineko igela egin eta etxera eraman dute. Sufritzen ari den igelarekin identifikatzen denak haren bidez errazago adierazi dezake gertatzen zaiona; identifikatzen ez denak berriz, enpatia garatu dezake haren azalean jarrita. 10-12 urteko ikasleek berriz, komikia etxera eraman eta gurasoekin irakurri eta eztabaidatu dute. Galdera batzuk eraman dituzte –haurrek beraiek gelan adostuak batetik, proiektuaren sortzaileek proposatuak bestetik– eta gurasoek seme-alabekin erantzun behar izan dituzte, nortasunari buruzko itaunak, rolen ingurukoak, txikiak zirenean bizitako egoerez… "Hemen ere, askatzea izan da helburua", dio Nora Barrosok.
N. Martiarena, gurasoa:
"Aurretik bakarka nork bere tartea izatea garrantzitsua da, sarri zuzenean taldeka heltzen diegulako gaiei, eta batzuei gehiago kostatzen zaie irekitzea, betikoek hartzen dute gain"
Azkenik, kalera atera da egitasmoa, sozializatu eta beste ikastetxe eta adin tarteko haurrei eskaini zaie, herri guztiari oro har. Hezkuntza ez formala, zehazki Oiartzungo ludoteka, bitartekari inportantea izan da zeregin horretan. Besteak beste, ipuina eta komikia herrian barna banatuko dira (anbulatorioan, liburutegian, tabernetan…), askebideetan landutakoa erakutsiko da eta Futbolariak eta printzesak antzezlana egin da. Gai hauek jorratzeko, jolasa erreminta bat gehiago izan da bai ikastetxean bai ludotekan. Ispilu jolasean, bikoteka batek erabakitakoa besteak errepikatzen du; Espazio hutsak bete deiturikoan, norberak gorputzarekin bateko eta besteko formak hartu eta utzitako espazio hutsak bete behar ditu ondokoak, txandaka; trenaren jolasean gidariak egiten duena egin behar dute atzekoek; erlaxatzeko edo kontaktua sustatzeko jolasak ere izan dituzte…
10-12 bat saio/ordu eskaini dizkiote Haziak proiektuari ikastetxean. Orain, ekainera bitarte beste hainbeste beharko dute prestaturiko bigarren gaia jorratzeko: harremanen kudeaketa LH2n, eta neska-mutilen arteko harremanak eta harreman ereduak LH5-6n. Dejabu Panpin Laborategiak gidatuko du bigarren txanpa eta dagoeneko hiru fikzio sortu ditu arlo horietan sakontzeko.
"Igel marroitxo" eta "BarruKLIK".
Haserrea, bakardadea, kuadrilla…
"Haziak aitzakia eta bitartekoa izan da pausatu, gai hauei ateak gehiago ireki eta denbora eskaintzeko –dio Koro Uria irakasleak–. Batetik, ohiko jardunetik apartekoa izateak misterioa eta jakin-mina sorrarazi du; bestetik, kanpoko egitasmoa izanik, ikasleek ez dute ohiko moduan hartu, 'badator Koro berriz ere kontu hauekin', gaiari komikiak, Haziak proiektuko jendeak, etxekoek… ere heldu diotelako. Bestela, ikasleek ghettoak egiten dituzte: irakaslearekin kode hauek ditugu, eta hortik kanpo, bestelakoak. Ghettoa hautsi, ireki, eta eskola, etxea, plaza… dena bat dela konturatzeko balio izan du ekimenak".
11-12 urteko ikasleak dituen gela honen ekosistema aztertzeko ere onuragarria izan zaie Haziak. Komikietako pertsonaiak ekarri dituzte taldera: lotsatia, oharkabe pasatzen den ikusezina, elbarria, liderra, denagatik protestatzen duena… Eta lehen aipatu moduan lidergoaz aritzeaz gain, haserreak ere protagonismo handia hartu du saioetan: nola haserretzen garen, nola kanporatzen dugun haserrea, hitzak jartzen al dizkiogun, zergatik halakoetan ezberdin jokatzen dugun gurasoekin edo lagunekin… Gogoetatzeko beste galdera ugari dituzte oraindik zerrendatuta, gatazkez, ezberdin izateaz, bakardadeaz, kuadrillaz, laguntasunaz… Gurasoentzat ere iraultza txiki bat izan dela gaineratu du Uriak: "Guraso asko inplikatu egin dira, beste batzuentzat akuilu edo presio txikia izan da proiektua, parte hartzeko. Eta eskolak eta etxeak gunea partekatzea oso inportantea da, ez daitezen bi mundu aparte izan".
Nora Barroso, gurasoa:
"Beste herri eta eskoletan errealitatea bestelakoa izango da, baina hona guk landutako gai eta materialak. Elkar elikatu gaitezen, ikuspuntu anitzak jaso eta sare aberatsa sor dezagun"
Sentimenduei hitza jarri dietela eta oinarrizko printzipioez mintzatzeko aukera izan dutela nabarmendu digu irakasleak: denok garela inportanteak, irtenbide bat baino gehiago daudela, norberak bere iritzia izateko aukera daukala… "Printzipio horien arabera, bakoitzak kokatuko du bere burua. Ez pentsa, esan ohi diet, zuek sentitzen duzuen hori guztia helduok soluzionatuta dugunik. Bizitzan egiten den bidea da, eta guk esperientzia gehiago dugu, baina oraindik ere ikasten jarraitzen dugu".
Proiektuaren sustatzaileak prest daude berau beste ikastetxe eta herrietara zabaltzeko. Errealitatea bestelakoa izango da, "baina hemen dituzue eskuragarri guk landutako gaiak eta horretarako materiala, eta beste gai edo materialik erabiliz gero, pasa guri. Elkar elikatu gaitezen, ikuspuntu anitzak jaso ditzagun, sare aberatsa sor dezagun", proposatu du Barrosok.
Erreportajean zehar aipaturikoez eta konplize izan dituzten irakasle eta gurasoez gain, bidelagun ugari izan ditu egitasmoak. Hala nola, koordinazio orokorraz, zeregin teknologikoez eta sustapenaz arduratu den Iametza Interaktiboa, Oiartzun Irratia, Lorea Agirre, Eider Eibar, Lur Korta, Jon Martin, Idoia Beratarbide… Proiektu bizia eta irekia da, eta sortzen doazen premien arabera joango dira gehitzen lagun eta eragile berriak, joango da egokitzen ekimena. Uria irakasleak argi du, oinarrizkoa da gaia behin eta berriz mahaigaineratzea: "Askotan landuagatik, beti agertzen dira zirrikitu txikiak, kontrolatzen ez ditugunak. Hurbil eta sentsibilizatuta egon arren, egoera itsusiak ematen dira, oso adi egon behar dugu, eta teknologiak eta sare sozialak ere autopista ezezaguna dira gutako askorentzat. Horregatik dira hain garrantzitsuak Haziak bezalako egitasmoak". | news |
argia-11693651690a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/apirila-behar-ez-lukeen-hila.html | Apirila, behar ez lukeen hila | Jakoba Errekondo | 2016-04-24 | Apirila, behar ez lukeen hila
Hazia eta fruitua eman nahi dituenak badaki: lorea eman behar. Bestela, jai du. Haritz kandudunaren ( Quercus robur ) lore pinpirina bistaratu da apiril lirainaren argira. Apirila busti behar duten lainoak ekarriko dituzten haizeen itxaropenean begiak ireki eta lore errosario zintzilikarioak luzatuko ditu haritzak. Lore sorta horiek poxpolin arinenaren pozarekin dantzatuko dira haize heze horietan. Haizeak ekarri eta eramango ditu loretik lorera, itxaropenetik itxaropenera, ezkurra ekarriko duten polen ttanttak. | news |
argia-b552a29e5a10 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/korana-libreki-itzultzen-irunean.html | Korana �libreki� itzultzen Iru�ean | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-04-24 | Korana �libreki� itzultzen Iru�ean
Iruñea, 1143. Robert of Ketton (Robertus Ketenensis, latinez) teologo, astronomo, itzultzaile eta arabista ingelesak Korana itzuli zuen latinera lehenengoz. Bere bizitzako lehen urteez gutxi dakigun arren, badirudi Kettonek Parisen ikasi zuela. 1134an lau urte iraungo zuen bidaia luzea abiatu zuen Ekialdera. Bizantziar Inperioan, Palestinan eta Damaskon izan zen eta, gerora, arabierako itzultzaile gisa ezagun egingo zen.
1141erako Iberiar penintsulan zegoen; lurraldea musulmanen eta kristauen artean banatuta egonik, penintsula toki aproposa zen arabierako itzultzaileentzat. Badakigu 1143an Iruñean zela, bertako artxidiakono izendatu baitzuten. Berez, nahiago omen zuen testu zientifikoak itzultzea, teologikoak baino. Euklidesen lana ezagutzen zuen eta Al Battani nahiz Avicenaren lanak itzuli zituen. Korana, aldiz, enkarguz latineratu zuen.
1142an Petri Beneragarria Clunyko abadearen bisita jaso zuen. Abadea islamari buruzko informazioa biltzen ari zen, Liber contra sectam sive haeresim Sarracenorum (Sarrazenoen sekta edo edo heresiaren kontrako liburua) idazteko, eta Kettoni Korana itzultzeko ordaindu zion.
Itzultzaileak ez zuen testuaren itzulpen fidela egin; ez zabarkeriaz, intentzio osoz baizik. Itzulpenaren asmoa islama gutxiestea zela garbi erakusten du latinezko lehen bertsio horren izenburuak: Lex Mahumet pseudoprophete (Mahoma sasiprofetaren legea). Xehetasun kaltegabeak puztuz eta kutsu krudel eta lizuna emanez, Koranaren interpretazio guztiz negatiboa osatu zuen.
1157an Tuterako kanonigo izendatu zutela eta beste ezer gutxi dakigu Kettonen azken urteez. Baina bere itzulpenak itzal luzea izan zuen. Hurrengo mendeetan Korana Europako hizkuntzetan itzultzen hasi zirenean, Kettonen bertsioa hartu ohi zen oinarri, eta ez originala. Esaterako, 1547an Andrea Arrivabenek Kettonen itzulpena erabili zuen Korana italieraz emateko, 1616an italierazkoa hartu zuen oinarri Salomon Schweiggerrek alemanezko lehen itzulpena egiteko, eta aurrerago, alemanezkoa izango zen nederlanderazko bertsioaren oinarri. Hala, Iruñean egindako itzulpen desitxuratu hark mende luzez eragin du Mendebaldeak islamaz izan duen irudian. | news |
argia-39f82e6e0743 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/panamako-paperak-paradisu-fiskalen-salatari-ala-xantaiarako-arma.html | Panamako paperak paradisu fiskalen salatari ala xantaiarako arma? | Pello Zubiria Kamino | 2016-04-24 | Panamako paperak paradisu fiskalen salatari ala xantaiarako arma?
Bazekien zertan ari zen Alemaniako Sueddeutsche Zeitung egunkariari filtratu zizkionak Panamako Mossak Fonseca kabineteari ostuta 214.000 sasi-konpainiaren datuak. Zalaparta izugarria dabilela uste duenak jakin behar du informazioaren zati bat baizik ez dela azaleratu oraindik. Baina funtsean zer da Panama Papers edo Panamagate hau, kapitalismo globalizatuaren alde ezkutuaren inoizko filtrazio handiena ala diru zikinaren mafiak berak antolatutako kontrako su prebentiboa?
Mende honetako aurkikuntza, historiako informazio ihes handiena... Panamako Mossack Fonseca finantza aholkurako bulegoak isuri duenaz ari gara, offshore bankagintzan ari direnen artean munduko laugarren garrantzitsuenari ostuta zabaltzen ari diren 11,5 milioi agiritatik herritarrei iritsitakoarekin hainbat jende boteretsu zipriztindu duen finantzazko simaurraz. Eta oraindik handienak falta omen dira.
Aste gutxitan oinezko herritarrak ikasi du, offshore hitzaz gain, munduko paradisu fiskalen zerrenda ugaria, ohartuz Karibeko uharte exotikoez gain dirua zuritzen dela AEBetako Nevada edo Delawaren, Alemaniak berak daukala bere legedian paradisu fiskal bezala jokatzeko zirrikitua, gaur Europako Batzordeko lehendakaria den Jean Claude Junckerrek 20 urtez agindu duela Luxenburgo izeneko paradisu fiskal europarrean, eta abar luzea. Baina orain jakin nahi litzateke zalaparta horrek guztiak balioko ote duen gauzak aldatzen hasteko.
Panamako kabinete baten datuen benetako filtrazioak interes handia du, aberats eta politikari askok horien bidez zuritzen dituztelako zergarik ordaindu gabeko irabaziak. Hala ere, Moon of Alabama blogak mesfidati idatzi du: "Panamako paperen filtrazio selektiboak bide ematen dio sekulako xantai ahalmenari".
"Baina asteotako informaziook –dio AEBetako ezkertiarren artean ospea duen Moon of Alabama k– zabaldu dituzte NATO sostengatzen duten prentsa inperio batzuek eta AEBetako Gobernuak finantzatzen duen Gobernuz Kanpoko Erakunde batek; helburu aitortu gabea dute inperio amerikarrak maite ez dituen pertsonalitateak zikintzea. Bide batez, aukera ona ematen dute beste batzuei kanta arazteko , faboreren baten trukean eskainiz haien izenak ez zabaltzea".
Horrela esanda konspiratzaile baten balorazio eskematikoegia dirudien arren, ematen du datu interesgarri bat: orain deabruaren pare ageri den Mossak Fonseca abokatu bulegoaren delituzko jarduera aspaldi samar zegoela erreta agintarientzako.
Duela 16 hilabete, 2014ko abenduan Ken Silverstein ikerketa kazetariak Vicen publikatu zuen "The Law Firm That Works with Oligarchs, Money Launderers, and Dictators " (Oligarka, diru garbitzaile eta diktadoreentzako lanean ari den abokatu konpainia), agerian utziz Mossak Fonsecaren jarduera. Asteotan aipatu den Baxar El Assaden kusi esku-makilarena eta beste izen asko hartan ageri ziren.
Blogak bere egin ditu Craig Murray diplomatiko britainiarrak esanak "Hedabide nagusiek zaintzen dute Mendebaldeko oligarkia Panamako filtrazioetatik" artikuluan. Murrayk ere salatzen du filtrazioak utzi direlarik ICI Ikerketa Kazetarien Kontsortzioaren eskuetan, informazioaren gehiengoa ez dela iristen ari herritarren eskuetara, The Guardian bezalako egunkari izen handiko bat ere orain arte mugatu dela Nazio Batuen Erakundeak zigortutako herrialdeetako politikariak aipatzera.
"Nik badakit Errusia eta Txina ustelduta daudela, ez etorri niregana horrekin. Zergatik –galdetzen du Murrayk– ez dituzue gurutzatzen Mossack Fonsecaren artxiboak Mendebaldeko burtsetan dauden konpainia nagusien datuekin eta milionario bakoitzarekin?".
Erantzuna berak aurreratu du: ICI diruz sustatzen dutenen artean daudela korporazio yanki handien fundazioak, hala nola Ford, Carnegie, Rockefeller, W.K. Kellogg edo Georges Sorosen Open Society Foundation.
Betiko kazetaritzaren azken aukera
"Will The Panama Papers Kill Journalism?" (Panamako paperek hil behar ote dute kazetaritza?) galdetu du Kostas Efimeros greziar eta Debtocracy dokumental famatuaren ekoizleak The Press Project gunean. Kazetariek beti aurkitu dituzte istorio bikainak herritarren arreta pizteko modukoak, baina digitalizazioaren hasieratik prentsaren papera krisian sartu da.
Hedabide handiek kazetari ekipoak txikiagotu dituzte eta komertzial sailak handitu. "Ikerketa handiek –dio Efimerosek– egun gutxi diraute eta kazetariek beren buruak zentsuratzen dituzte, kasu eginez beren publizitate leihoetan agertzen diren konpainiei kalte egiteari". Konpainia handiek kalumniagatik eska ditzaketen kalte-ordain handiek beldur ematen dutenez, argitaratu behar diren istorioek legezko galbahe oso xehea iragazi behar dute, edozein erreklamazio saihesteko. Baldintza horietan, kareletik itsaso basatira botako duten beldurrez jokatzen du kazetariak.
Kazetaritza krisian murgilduta zebilela azaldu dira komunikazio eredu berriak. Nagusiki WikiLeaks , salaketa eraman duena bakarkako jarduera izatetik hedabide mota berri batera. Eta CableGate hartatik pasatuz LuxLeaks , SwissLeaks , Chelsea Manningen agerpenak, Edward Snowden eta Herve Falcianirenetatik paseaz heldu gara Panama Papers hauetara.
Oraingoan, uste du Kostas Efimerosek, kazetaritza dago bere izen ona berreskuratzeko azken aukeraren aurrean. Eskandaluak bata bestearen ondoren plazaratzeak, horrek ez badie errudunei ez ondoriorik eta ez zigorrik ekartzen, jendea oldartzeko baino gehiago balioko du herritarren artean etsipena eta derrotismoa nagusitzeko.
"Panamako paperen agertzea –idatzi du Efimerosek– orain arteko filtrazioetatik arras ezberdina da. Lehenbiziko aldiz ez dute une bateko argazkia eskaintzen. Haien bidez egin daiteke azken 40 urteotako eredu ekonomikoaren eta honen garapenaren ikerketa sistematiko eta analitikoa. 11,5 milioi agiri dira 1977tik 2015eko amaiera artekoak eta lehenbiziko aldiz dauzkagu eskueran (ustez) behar ditugun tresnak azaltzeko benetan konspirazio globala izan dena: aberatsen konspirazioa pobreen bizkarretik. Eta zer izan liteke kazetaritza ez bada gehienen interesak defenditzea bakar batzuenen kontra?".
ICI kontsortzioak Efimerosen ustez oker jokatu du dokumentazioaren aztertze eta hautaketa hedabide handi batzuen eskuetan utziaz. Ez da harritzekoa AEBetako kasik inor ez azaltzea. Baina hori baino garrantzitsuagoa, eskandalua aurkezteko maneran, badirudi arazoa zera dela, kapitalista lotsagabe batzuek lapurreta egin dutela iruzur eginez gainerakoan ukitu ezina den merkatuaren lege sakratuei.
"Kazetariek aipatzen dituzte zenbait boteretsu –beren hedabideen akziodunei arazorik sortu gabe, noski– baina huts egiten dute osotasunean azaltzerakoan argazkia: hau elite txiki batek aberasteko antolatutako konspirazio globala da. Kazetariek huts egiten dute jendeari kontatzerakoan Mossack Fonseca ez dela sistemaren pieza gaizto bat: sistema gaizto baten pieza da". | news |
argia-a9e1b1fed9d4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/nega-los-chikos-del-maiz-taldeko-abeslaria.html | "Batzuetan desertuan oihuka ari denaren sentsazioa dut" | Xuban Zubiria | 2016-04-24 | "Batzuetan desertuan oihuka ari denaren sentsazioa dut"
Eszenatokiak utziko ditu Los Chikos Del Maíz taldeak denboraldi luze baterako. Aurretik ordea, Andoaingo gaztetxean izango dira apirilaren 23an. Euren ibilbidea izan dugu hizpide Nega abeslariarekin.
Valentziako rap talde konprometitu bat: noiz eta nola sortzen da Los Chikos del Maíz?
2004an hasi zen dena, ni 13 Pasos izeneko proiektu batean nengoen, baina denbora luzea zeraman geldirik. Toniri [taldeko beste ahotsa] berdina gertatzen zitzaion La Nota Más Altarekin. Elkarrenganako miresmen handia genuen. Arratsalde batean elkartzea erabaki eta bost kantuz osaturiko tracklist bat egin genuen. Beste guztia historia da.
Lehen lana argitaratu zenutenetik denbora igaro da. Gogorra da musikarion bizitza? Zertan hobetu da zuen rap-a?
Proiektuak hamar urte bete ditu duela gutxi, musikatik bizitzen bost urte daramatzagu gutxi gorabehera. Errepidea gogorra da, etxetik kanpo lo egin, etxetik kanpo jan, ez da erraza. Nire kasuan ordea, berogailuak konpontzea edo hodiak soldatzea baino nabarmen hobea da gaur egun dudan bizitza. Ez zara aberats egiten –are gutxiago guk egiten ditugun kantu eta hitzekin–, baina zure buruaren nagusia zara eta ez zaitu inork esplotatzen, hori da garrantzitsuena.
Iruditzen zait gaur egun egiten dugun guztia neurtuagoa eta askoz landuagoa dela. Maiz naturaltasuna gal dezakegu, baina guztia profesionalagoa da.
"Zentsuraren alde ekonomikoaz ez da inoiz hitz egiten: zuk kontzertu hori kontuan hartzen zenuen alokairua pagatzeko. Eta pikutara doanean zer?"
Konpromiso sozialak eta gazteriarekin konektatzeko erraztasunak egiten du zuen taldea berezi. Erraza da konpromisoa eta ospea uztartzea?
Zaila da mobilizazio politikoen garai hauetan leku guztietara heltzea. Mila lekutatik deitu eta eskatzen digute babesa: kartzelaratuak, Alfonen kasua, Andres Boladorena, euskal gazteria… Hainbeste kasu eta injustizia daude, behartuta gaudela selektiboak izatera. Zoritxarrez, ezin gara leku guztietara heldu. Bestalde, fakturak ordaindu beharra dago eta ezin da beti militantzia hutsagatik jo. Nik uste borroka konstantean bizi dugula hau guztia, nolabaiteko oreka lortu nahian. Ahal duguna egiten dugu.
El miedo va a cambiar de bando ("beldurra aldez aldatuko da") Riot Propagandaren lelo izatetik, Podemos eta Mareen eslogan izateraino: noraino heltzen da zuen influentzia?
Gustatuko litzaigukeena baina ahulagoa da. Hala ere, lelo hori beti egon da hor, guk kantu batean txertatu genuen, baina jakinduria kolektiboaren emaitza da.
Arnaldo Otegiren eta euskal preso politikoen arazoa presente izan duzue beti. Nola ikusten duzu ezker abertzalearen buruzagia datozkion erronka berrien aurrean?
Indartsu eta aukera askorekin ikusten dut. Gainera, jasan duen kartzelaldia intelektualki eta politikoki formatzen jarraitzeko erabili duela uste dut, eta hori abantaila moduan erabili dezake. Erronka ugari ditu, ezker abertzalearen barne gatazketatik hasi eta Podemosen igoera ikusgarriraino. Esan beharrik ez dago, garai oso garrantzitsuak datoz Euskal Herriarentzat, baita Espainiako Estatuarentzat ere. Uste dut momentu historiko eta erabakigarria bizi dugula maila guztietan.
Espainiako Estatuan protesta kutsuko rapa egiten duten talderik garrantzitsuenetakoa zarete. Nola dago hip-hop eszena Espainian? Deskafeinatuta jarraitzen du?
"Garai garrantzitsuak datoz Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan. Momentu historikoa bizi dugu"
Oso deskafeinatuta. Hor daude, baina ez daude. Batzuetan desertuan oihuka ari denaren sentsazioa dut. Hemen biziko ez balira bezala da. Gaur egun famatuak diren hainbat rapero Twitter bidez jarraitzen ditut eta gehiengoak ez du errefuxiatuen edo azken atentatuen inguruan deus idatzi. Beste planeta batean biziko balira bezala da.
Mozal Legea medio, aldizkari honetako Axier Lopez zigortu dute bere kazetari lanagatik. Zuen ibilbidean ere maiz zentsuratu zaituztete. Nola sentitzen zara horrelakoen aurrean?
Frustrazio handia sortzen du, inpotente sentitzen zara. Badakizu, gainera, zentsura beti norabide jakin batean doala. Federico Jiménez Losantosek eskopeta hartu eta Podemosekoak hilko dituela esaten duen bakoitzean badakizu ez zaiola ezer gertatuko. Eskuinak edozein astakeria esan dezake. Hipokresia izugarria bizi dugu gaur egun Espainiako Estatuan. "Je suis Charlie Hebdo" esaten duten berdinek zure kontzertua zentsuratzeko eskatzen dute. Are gehiago, gaizkileak garela argudiatuta gure kontzertua bertan behera uzteko eskatu zuen Getafeko PPk. Ustelkeriagatik kide ugari inputatuta dituzte orain.
Alde ekonomikoa ere hor dago, horretaz ez da inoiz hitz egiten. Zuk kontzertu hori kontuan hartzen zenuen alokairua ordaintzeko eta bat-batean kontzertua pikutara doa. Horrelakoetan malabarismoak egitera behartuta gaude.
Nola egin aurre askatasun falta horri?
Ez da erraza. Gaur egun internet da medioen diktadura eta zentsura bera gainditzeko dugun tresnarik eraginkorrenetako bat. Lehen bezala, ordea, horrelako erasoak eragozteko dugun gauzarik indartsuena herrigintza eta ahoz ahokoa da.
Zentsura ez da oztopo izan, La estanquera de Saigon zuen azken lanaren bide luzean. Izugarrizko arrakasta izan da Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan. Espero zenuten tsunami hori?
Ez, ezta inondik ere. Eromena izan da. Diskoak oso ondo funtzionatu du leku guztietan.
"Mila lekutatik eskatzen digute babesa. Hainbeste injustiziarekin, ezin gara leku guztietara heldu"
Hip Hopa Euskal Herriko musikaren agendan sartzea lortu duzue. Nabaritzen al da boom hori kontzertuetan?
Zaila izan da, Euskal Herrian Euskal Rock Erradikala bezalako mugimenduek pisu handia izan dute eta gaur egun oraindik rock/punk tradizioa indartsua da. Hamarkada bat daramagu Euskal Herrian jotzen eta nabaritu dugu azken urteetan nola rapak bere lekutxoa egin duen Herriko Taberna, txosna eta herri mugimenduaren beste guneetan. Oroitzen naiz urte batean Bilboko Aste Nagusira heldu eta Pasión de Talibanes kalean egur bizian entzutea, momentu hura antologikoa izan zen. Gaur egun rapa sumatzen den zerbait da Euskal Herrian, eta euskaraz kantatzen duen gero eta talde gehiago dago.
Nolakoa da euskal publikoa?
Egiari zor, geldo fama duzue. Barnealdeko herrietan jendea geldoagoa dela nabaritu dut. Hori ez da txarra, jendea leku askotan horrela da, beraien izaeraren parte da. Kontzertuan salto txikiena eman ez duena emanaldiaren amaieran zoriontzera etortzen zaizu eta bere bizitzako kontzerturik onenetariko bat izan dela esaten dizu, erokeria da.
Euskal Herrian bizi izan dugun plaza harrigarriena Gasteiz izan da. Kontzertuaren hasieratik amaiera bitartean salto, oihu eta bultzakaden eromen kolektibo konstantea izan zen emanaldia, ez dugu erraz ahaztuko.
"Eskuinak edozein astakeria esateko askatasuna dauka"
Publikoaz harago, jotzeko dagoen lekurik onenetarikoa da Euskal Herria. Soinuan beti profesionalak daude eta musikaria asko zaintzen da. Bestetik, gastronomia eta paisaiaren plus-a duzue. Uda osoa hemengo herri eta hirietan jotzen pasa ostean, iraileko oporraldia Lekeition eta Mundakan pasa nuen. Ezin Euskal Herriaz nazkatu!
Apirilak 23an, La Estanquera de Saigonek Andoainen hartuko du lur 2zio taldearekin batera. Zer aurkituko dugu kontzertuan?
Emankizunaren hainbat ezaugarri aldatuko dugu. Gogo handia dugu gaztetxe batean jotzeko. Maiz festibal eta antzoki handietan jotzeak errealitatetik aldentzen zaitu, jatorrietara itzultzea gauza ederra da.
Kantu berriez asko hitz egin da, noizko izango da kalean zuen proiektu berria?
Maiatzaren erdialdean lau kantuz osaturiko EP bat argitaratuko dugu La Estanquera de Saigonen amaiera modura. Horren ostean denbora luze baterako agur esango du Los Chikos del Maízek. Hurrengo urtean Riot Propaganda itzuliko da eta ostean bakarkako lanetan murgilduko gara. | news |
argia-da3a30593184 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/ahaztu-iragana-hemen-gaude.html | Ahaztu iragana; hemen gaude | Iker Barandiaran | 2016-04-24 | Ahaztu iragana; hemen gaude
Ezagun da Bilboko Ezkerraldeak lotura handia izan duela punkarekin eta rock indartsuarekin, eta horietatik nabarmena da Barakaldok zeregin horretan bete duen papera. 2013an Gotzon Hermosilla kazetari eskarmentudunak Barakaldo revienta ( Historia secreta del punk-rock en Barakaldo ) liburua idatzi eta argitara eman zuen, tamainan hiria den Barakaldok musika estilo horietan barrena emandakoa zehatz-mehatz errepasatuz.
Orain merkatalgune erraldoiz, eraitsitako enpresaz eta langabeziak itotako enpresaz betetako hiri horren historia eta oraina musikaren bidez hobe ezagutzeko beste pauso bat eman dute; hala nola, bertako hainbat musikari eta musika zalek gaur egun indarrean dauden hamabost musika talderen kantuekin osatutako disko-bilduma osatu dute, eta bertan, diseinu erakargarriak lagunduta, talde bakoitzaren nondik norakoak modu oso argigarrian azaldu eta hauen guztiaren diskografia batu dute.
Ez daude talde guztiak, jakina. Bultzatzaileen asmoa izan da punk-rockaren inguruan dabiltzan taldeak batzea. Horien artean badira aspaldi sortutako taldeak, 80ko hamarkadakoak alegia, luzaroan geldi izan direnak eta gerora ere indarberrituta bueltan direnak. Rockaren pozoiak odolean luzaroan jarraitzen duenaren seinale. Dena dela, beste herri eta hiri askotan bezala talde eta proiektu desberdinetan abizenak, goitizenak eta funtsean partaideak errepikatzen dira, azken finean rocka eta punka maite dutenek askotan familia bera osatzen dute-eta.
Parabellum da Barakaldok izan duen talde ezagunena eta berorren kide Txetxuk sortutako La Kontrak zabaltzen du diskoa, 77ko punketik, Vomitotik eta gitarra indartsuetatik asko duen kantuarekin. Paniks rara avisa da eta garage-punkaren bidezidorrean Billy Childish handia omendu du. Obsesion Fatalena punk-rock-and-rolleroa da eta ahotsean Natxo gogora ekarrita MCD rockeroena ere du gogoan. Tiparrakers ezuste oso atsegina da: gitarra irudimentsuak eta indartsuak erabilita La Traperako Morfiren parera abesten du. Putakaska bizirik da oraindik, eta 80ko hamarkadako punk talde melodikoenak ekarri dizkigu gogora. Radiocrimenek pertsonalitate handiko ahotsa dauka eta oraingoan melodiko aritzen da. Audiencia Nacionalek asko du poesiatik. Porco Bravo hard-rocketik barra-barra edaten duen punk-rock-and-roll bizia da. Eta badira gehiago, jakina: horra hor, berpiztutako Radikal Hardcore, Si Te Cah-rekin batera hardcorea lantzen duen bakarra, Distorsion mitikoa, horien trans-eraldaketa den El Lobo de Armañón, Karretera Agropecuaria zein, nola ez, Parabellum hiria omenduz.
Sasoian dago Barakaldo, eta hala uste ez duenak probatu dezala hemendik. | news |
argia-be346d91da2c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/kutsatzaile-hormonalak.html | Berandu eta herren dator Europatik babesa | Unai Brea | 2016-04-24 | Berandu eta herren dator Europatik babesa
90eko hamarkadaren hasieratik dakigu inguratzen gaituzten konposatu kimiko sintetikoetako asko kutsatzaile hormonalak direla. Gure sistema endokrinoa engainatu eta gaitz ugari eragiten dute: ugalketari lotutako nahasmenak, minbiziak, diabetesa... Zientzialariek aspaldi alarma jo zuten arren, halako substantzietarako behar bezalako araudirik gabe gaude oraindik Europar Batasunean; ez luzerako, zorionez. Ondoko lerrootan kontatuko dizuegu nola lortu duten produktu kimikoen eta pestiziden lobbyek erregulazioa atzeratzea. Eta agian, itxuragabetzea ere bai.
Azken urteotan gero eta zientzialari gehiagok publikoki agertutako kezka da: gizakiok –batez ere Bigarren Mundu Gerraz geroztik– sortu eta naturara jaulki ditugun 100.000 inguru konposatu kimikoekiko elkarrekintzaren ondorio zehatzak ez ditugu oraindik behar bezain ondo ezagutzen, baina gaitz askoren gorakadarekin zerikusi zuzena dutela pentsatzeko oso arrazoi sendoak daude.
90eko hamarkadaren hasieratik ezagun da konposatu horietako batzuek animalion sistema endokrinoekin elkarrekintza zuzena dutela. Izen ugari daukate, denak ere taberna edo bazkalosteko solasaldirako desegoki askoak: disruptore endokrino, kutsatzaile edo nahasle hormonal…
"Ez dugu aurkitu oraindik jendartean erraz zabaltzeko moduko izendapenik", azaldu digu Kistiñe Garcia ingurumen-zientzialari bilbotarrak. Ekologistak Martxaneko kidea da Garcia, eta elkarte horrek elikatutako Libres de contaminantes hormonales (Kutsatzaile hormonalez libre) bloga egitea du eguneroko zeregina. Irakurleei bezala geure buruei lana errazteko aholku bat eman digu: ingelesezko EDC siglak baliatzea disruptore endokrinoez jarduteko.
"Itxura-egile" endokrinoak
Garciak azaldu digunez, kutsatzaile hormonal guztiek ez dute modu berean jokatzen, baina funtsean esan daiteke sistema endokrinoari "iruzur" egiten diotela: hormonak imitatzen dituzte, eta gorputza ez da gai batzuk eta besteak bereizteko. Hala, EDCek disfuntzioak eragin ditzakete hormonek erregulatutako prozesu guztietan, normalean epe luze baten ostean ondorioa izango dutenak. Disruptore endokrinoen arriskuei buruzko ehunka ikerlan argitaratu dira, zientzialarien arreta bereganatu zutenetik igarotako mende laurdenean.
EDCekin lotura duten gaitzen zerrenda oparoa da: ugalkortasuna gutxitzea, nahigabeko abortuak, jaioberriengan malformazioak, zenbait minbizi mota, obesitatea, alergiak, diabetesa, autismoa… Eritasun horien eragina asko handitu da azken hamarkadetan –ikus diabetesari buruzko koadroa erreportajearen azken orrialdean–, eta ikerlari askok ohartarazi dute horrek lotura zuzena duela egunero erabiltzen ditugun produktu askotan kutsatzaile hormonalak egotearekin. Gaur egun, ezinezkotzat jo daiteke haiekiko inolako hartu-emanik gabe bizitzea. Are gehiago: gutako bakoitzak dozenaka EDC du gorputzean.
Nonahi daude
2004an, WWF elkarteak Detox izeneko kanpaina abiatu zuen, europarron odolean zer nolako substantziak zebiltzan neurtzeko. Pertsona esanguratsuak aukeratu zituzten analisietarako, tartean hamalau ministro. Eta esanguratsuak izan ziren emaitzak ere: bilatutako 103 konposatuetatik, 76 atzeman zituzten. Batez beste, pertsonako 35.
Aurkitutako konposatuak mota askotakoak ziren: nekazaritzako pestizidak –elikagaien bitartez hartzen ditugunak–, gailu elektrikoetan isolatzaile modura erabiltzen diren poliklorobifeniloak, plastikoei biguntasuna ematen dieten ftalatoak, garbiketa-produktuei usain jakina emateko osagai sintetikoak, zartaginetan-eta jartzen diren fluordun substantziak, metal astunak, arropari eransten zaizkien zenbait konposatu, kosmetikoetako osagaiak…
Azterketa haren emaitzak aski aipatuak izan ziren, baina akaso ez behar beste. WWFren helburua zen Europar Batasunak legedia gogortzea kontsumitzaileok egunero esku artean izaten ditugun produktu kimiko sintetikoei dagokienez. Eta bai, araudia finkatzeko prozesua aspaldi abiarazi zuen Europak –WWFk Detox kanpaina abiatu baino urte batzuk lehenago, izatez–, baina industria kimikoaren lobbyak izugarri atzeratzea lortu du prozesu hori, eta are okerrago, emaitza urardotzeko arriskua dago. Horren berri xehe-xehe eman zuen Stéphane Horel kazetari frantziarrak 2015eko maiatzean argitaratutako A toxic affair (Afera toxiko bat; gaztelaniaz / ingelesez ) txostenean.
Ofizialki, susmagarriak baino ez
Arestian esan dugunez, 90eko hamarkadaren hasieratik dugu EDCen arriskuen berri. Eta hamarkada hura amaitu baino lehenago, 1999an, Europar Batasunak substantzia horiek ikertzeko eta arautzeko lehenbiziko estrategia onartu zuen. Ondorengo urteetan egindako garapenaren ondorioz, kutsatzaile hormonalen aurkako neurriak hartu beharra jasota dago gutxienez hiru araudi europarretan, eta hala egiteko epeak ere zehaztuta daude. Baina zoritxarrez, epeok agortu dira eta substantzia jakinen gaineko erregulazioa finkatzeke dago oraindik.
Kasurik onenean, aurtengo ekainean izango dugu prest aspaldi eginda behar zuena: EDCak izateko susmagarriak diren substantziak erregulatzeko irizpide sorta. Esan behar baita gaur-gaurkoz, ofizialki, susmagarriak baizik ez ditugula, araudi faltaren erruz hain zuzen. Europar Batasunak darabilen zerrendan 500 konposatu inguru ageri dira, baina kopurua 1.500eraino igo daiteke, iturriaren arabera.
EDCak identifikatzeko lan gaitza
Stéphane Horelek A toxic affair -en azaltzen duen bezala, 2009an Europako Batzordeak Ingurumen Zuzendaritzaren gain utzi zuen EDCak arautzeko zeregina. Zuzendaritzak, beste ezer baino lehen, txosten bat eskatu zuen, kutsatzaile endokrinoei buruz zientziak zekien guztia laburbiltzeko xedez. 2012an burutu zen txosten hori, Andreas Kortenkamp ikerlariaren gidaritzapean.
Kortenkampen lanaren ondorio nagusietako bat izan zen erronka eskerga izango zela EDCak erregulatzea, ez baitago haiek detektatzeko metodologia unibertsal bat. Ehunka substantziaz ari gara, berez oso konplexua den sistema endokrinoari modu asko eta kasu batzuetan ezezagunetan eragin diezaioketenak. Baina kutsatzaile endokrinoak zeintzuk diren zehatz-mehatz identifikatu ahal izatea funtsezkoa da. Horren zergatia ondo ulertzeko, komeni da azaltzea nola arautu ohi diren substantzia kimikoak Europar Batasunean.
Badago tarte segururik?
Konposatu kimiko baten erregulazioa egiten denean, suposatu egiten da maila batetik behera ez dela arriskutsua; hau da, badagoela segurtasunezko tarte bat, substantziarekiko hartu-emanak kalterik ez dakarren tartea. Hala ere, onartu egiten da substantzia batzuek ez dutela segurtasun-tarterik. EDCei buruzko eztabaidaren muina da, hain zuzen, segurtasun-tarterik gabeko substantziatzat hartu behar diren.
Ezinezkoa da kutsatzaile hormonalekiko hartu-emanik gabe bizitzea; gutako bakoitzak dozenaka du gorputzean
A toxic affair -en irakur daitekeenez, Kortenkamp txostenak ondorioztatu zuen momentuz behintzat kutsatzaile hormonalak
segurtasun-mugarik gabekotzat jo behar direla, EBn ez baitago gaur-gaurkoz balizko muga hori detektatzeko behar bezalako bitartekorik. Kistiñe Garciaren esanetan, erabat logikoa litzateke EDCak segurtasun-tarterik gabeko substantzia modura sailkatzea, sistema endokrinoaren funtzionamenduagatik hain zuzen: "Hormonek oso eragin handia izan dezakete oso kopuru txikietan eta EDCek berdin jokatzen dute, hormonen imitatzaileak diren heinean".
Kutsatzaile hormonalek ez dute betetzen toxikologia klasikoak darabilen urrezko arauetako bat: Parazelsok XVI. mendean esandako "dosiak egiten du pozoia" ospetsua. Besteak beste, industria kimikoaren interesei primeran egokitzeak bihurtu du araua urrezko, dena esatera. Kutsatzaile hormonalek ez dute printzipio hori betetzen, Garciak azaldu diguenez. Baliteke substantzia batek oso dosi txikietan izatea eraginik handiena, eta ez hainbestekoa dosi altuagoetan.
Horregatik, 2009tik indarrean dagoen plagizidei buruzko europar araudiak substantzia arriskutsutzat jotzen ditu EDCak. Haren arabera, konposatu bat kutsatzaile hormonala dela ebatzitakoan besterik gabe debekatu egin beharko litzateke, haren kopuru onargarririk ba ote dagoen planteatu ere gabe. Jakina, beste ezeren aurretik kutsatzaile hormonalak identifikatu behar dira; arauak dio Europako Batzordeak, beranduenez, 2013ko abenduaren 14rako garatu behar zituela horretarako irizpide zientifikoak. Kortenkamp txostenak galdegiten zuena, azken batean.
Haatik, urte bi eta erdi geroago bete gabe dago agindu hori, nola plagiziden alorrean –munduan erabiltzen direnen %5 inguru disruptore endokrinoak izan daitezkeela kalkulatzen da, Kistiñe Garciaren esanetan– hala gainerakoetan.
Industriaren kontraerasoa
Espero zitekeenez, industria kimikoaren eta pestiziden lobbyari ez zitzaion gustatu Kortenkamp txostena, ez eta, oro har, Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritzak EDCei buruz zituen irizpideak. Ekoizten zituzten produktuetako asko debekatuak izateko arriskua sumatu zuten, eta gogor ekin zioten Kortenkampen lana kritikatzeari, BASF eta Bayer enpresak buru. Ez ziren bakarrik aritu ordea, bidelagun izan baitzituzten Europako Batzordeko beste sail batzuk eta EBko zenbait estatu kide.
2011n, artean Kortenkamp txostena argitara eman gabe zegoela, Britainia Handiak eta Alemaniak disruptoreei buruzko beren jarrera agertu zuten agiri batean. Gobernu biek EDCetarako proposatutako erregulazio-sistema, funtsean, "potentzia" irizpidean zetzan. Labur esanda: ahalmen handieneko kutsatzaile hormonalak baizik ez debekatzea. Potentzia irizpidearen araberako sailkapena oinarrizko eskari bihurtu zen produktu kimikoen eta plagiziden industriarentzat; Ingurumen Zuzendaritzako adituek 2013an baztertu zuten arren, gerora berriz itzuli zen Europako Batzordearen agendara.
Kutsatzaile hormonalak "potentzia" irizpidearen arabera sailkatzea nahi du industriak, hau da, ahalmen handienekoak baino ez debekatzea
"Gobernuz kanpoko erakundeak borrokan ari gara irizpide hori aurten onartuko den EDCen erregulazio-araudian aintzat hartua izan ez dadin", diosku Kistiñe Garciak. Andreas Kortenkampek berak adierazi zuen, bere izena daraman txostenean, potentzia irizpidea besterik gabe erabiltzeak ez duela justifikazio handirik zientziaren ikuspuntutik.
Hain zuzen ere, konpainia handiek ondo baino hobeto dakite eztabaida zientziaren borrokalekura eramaten euren interes ekonomikoan arriskuan ikusten dituztenean, eta kutsatzaile hormonalen kasua ez da bestelakoa izan. Kortenkamp txostenak hainbat eraso jasan zituen eremu akademikoan, argitara eman eta ia berehala. Haren metodologia gogor kritikatu zuten zenbait artikulu zientifikotan; egileak industriarekin lotura zuten ikerlariak ziren, eta kasu batean, Britainia Handiko Gobernua bera izan zen Ingurumen Zuzendaritzaren enkarguz egindako lana desegokitzat jo zuena.
Hori gutxi balitz, Zuzendaritzari etxe barruan agertu zitzaion beste arerio bat: 2012ko urrian, beste zuzendaritza batek, Osasun eta Kontsumitzaileenak, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziari (EFSA) eskatu zion EDCei lotutako arriskuei buruzko azterketa egin zezan. Eskaria esanguratsua zen, EFSAren aurrekariak zirela eta. Askok espero zuten hark emango zuen iritziak ez zuela bat egingo Andreas Kortenkampen lantaldeak defendatutako irizpideekin, eta ez zebiltzan oker; 2013ko martxoan argitaratu zen, eta orobat industriak emandako argudioetarantz lerratzen zen. Gerora jakin zenez, EFSAn gaia aztertu zuen lantaldeko kideen erdiak lotura zituzten pestiziden lobbyekin.
Hurrengo urratsa: inpaktu-ebaluazioa eskatzea
Aurkako kanpaina eta guzti, 2013ko udaberrian, araudia zehazteko urtebete baino gutxiagoren faltan beraz, Ingurumen Zuzendaritza tinko zegoen bere jarreran. Alde zeukan, gainera, Nazio Batuen Erakundeak argitaratu berri zuen txostena: EDCen kasuan segurtasun-mugarik ez dagoela berretsi zuen NBEk.
Orduan, korporazioek beste urrats egin zuten: inpaktu-ebaluazioa eskatu. Mota horretako ebaluazioek denbora luzea behar izaten dute, eta haien xedea da Europako Batzordeak proposatutako politika baten ondorio positiboak eta negatiboak aurreikustea. Ondorio ekonomikoak barne. Eskaria egiteaz batera, industria kimikoaren lobbyak hainbat txosten aurkeztu zituen, EDCen balizko debeku batek nolako kalte ekonomikoak ekarriko lituzkeen agertuz.
Stéphane Horelen esanetan, inpaktu-ebaluazioa eskatuz industriak denbora irabazteko asmoa zuen. Aldi berean, garai hartan hastear zeuden TTIP merkataritza askeko hitzarmenaren negoziazioak erabiltzeko aukera ez zuen alferrik galdu nahi izan. Bide horretatik abiatuta, europar enpresa-jabeek Atlantikoaren bestaldekoen laguntza jaso zuten: produktu kimikoen eta pestiziden esparruetako estatubatuar konpainia handienek EBko agintariei jakinarazi zieten "kezka handia zutela" EDCei buruzko europar irizpideak zirela eta. Haien iritziz, AEBetakoen hain bestelako irizpideak ezartzeak oztopoak jarriko zizkion merkataritzari, "hain zuzen ere EBk eta AEBek negoziatu nahi duten akordioaren bidez ezabatu nahi diren oztopoak".
2013 erdialdean, azkenik, Europako Batzordeak ebaluazio-inpaktua egitea onartu zuen; pestizidei buruzko araudiak ezarritako epeak betetzea ezinezko bihurtu zituen horrek. Denbora irabazita, lobbyek berriz ekin zioten borrokari zientziaren eremuan, eta azkenik arrakasta izan zuten: 2014an, EDCak identifikatzeko Ingurumen Zuzendaritzak proposatutako bide-orriak lehentasuna galdu eta, lehenago esan dugun bezala, industriak defendatutako potentzia irizpidea agertu zen ostera ere mahai gainera. Dena biribiltzeko, handik gutxira Jean-Claude Junckerren agintepeko Europako Batzorde berria eratu zen. Komisario berriak izendatu eta sail bakoitzaren zereginak birdefinitu ziren. Harrezkeroztik, EDCak arautzeko irizpideak dagokienez gidaritza ez dago Ingurumen Zuzendaritzaren esku; industriaren nahietara lerratuago dagoen Osasun eta Kontsumitzaileen Zuzendaritzak du orain ohorea.
Azken txanpa, ustez
2013an erabakita behar zuten EDCak identifikatzeko irizpiderik gabe iritsi gara 2016ko udaberrira, honenbestez. A toxic affair argitaratu zenetik gauza bakarra aldatu da, baina ez munta txikikoa: 2014an, Suediak Europako Batzordearen aurkako salaketa jarri zuen Europako Justizia Auzitegian EDCen araudiaren aferan "utzikeriaz" jokatzeagatik, eta 2015eko urtarrilean, ustekabean, bai Parlamentuak bai Europako Kontseiluak salaketa horrekin bat egitea erabaki zuten. Iazko abenduan, arrazoia eman zien Auzitegiak. Beraz, irizpide ekonomikoak albora utzi eta irizpide zientifiko soilen araberako araudia sortu beharko du EBk kutsatzaile hormonaletarako, epaile batek hala aginduta. Ikusteko dago hori nahikoa izango ote den europarrontzat behar bezalako babesa eraikitzen hasteko. | news |
argia-6525c0a8961c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/eta-zuk-gazte.html | Pentsatu duzu inoiz herriko euskararen erabileran eragin dezakezunik? | Onintza Irureta Azkune | 2016-04-24 | Pentsatu duzu inoiz herriko euskararen erabileran eragin dezakezunik?
UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) ikastetxez ikastetxe ibili da irakasleei soziolinguistikaz prestakuntza eskaintzen. Helburua: irakasleek ikasleak haien herri euskaldunetako egoera soziolinguistikoaz jabearaztea, euskararen aldeko jarrera bultzatzea eta eragile bihurtzea.
Fer aitak Inhar haurra igeriketa ikastarora eraman nahi du, baina konturatu da euskaraz ez dutela eskaintzen. Eskaera egin du. Pediatrarengana joan denean gauza bera gertatu zaio, eta pediatra euskalduna eskatu du. Bi eskaerak bete dituzte. Aldaketa horien onurak Inharrentzat soilik izango al dira?
Esperientzia pilotu moduan, zazpi ikastetxetan ikasleekin egindako ariketa asmatuetako bat da kontatu berri duguna. Adibide horretan, norberak emandako pausoak askorentzat onura izan daitezkeela erakutsi nahi die irakasleak ikasleei. Zerbitzua euskaraz eskatzen baduzu, eta lortzen baduzu, ondorengo euskaldun guztientzat baliagarri izango da.
12tik 18 urtera bitarteko gazteek egindako beste ariketa bat: Ikerrek 35 urte ditu, Haranalden (herri hipotetikoa) bizi da eta euskaltegian bi urte daramatza. Zer garrantzi ote du beretzat Kilkermendi, Sagastigain eta Garaiotz inguruan izateak? Haranaldek 17.000 biztanle dauzka eta euskararen ezagutza %51koa da. Beste hiru herrietan ezagutza %81etik gorakoa da. Ariketa horren bidez, ezagutza eta erabilera portzentaje oso handiko herriek euskara ikasten eta erabiltzen zenbateraino eragin dezaketen erakutsi nahi da.
Hausnarketa eta eztabaida pizteko galdera gehiago ere egin dizkiete ikasleei: Luisa Kilkermendin bizi da, Haranaldeko azokara joaten da egunero barazkiak saltzera. Zergatik dira herrietako azokak euskaldunagoak supermerkatu handiak baino? Eta beste hau ere bai: Aratz eta Ekhiñe parrandara irteten dira eta askotan ez dute euren gustuko musika jartzen, eta beti eskatzen ibiltzen dira: Zea Mays, Berri Txarrak, Hesian, Esne Beltza... Zer eragin dauka horrek Haranaldeko parrandan?
Zer gertatzen ari da zure herrian?
Esperientzia pilotuan parte hartu duten 400 ikasleak udalerri euskaldunetan bizi dira, (UEMAn euskara ezagutza %70etik gorakoa duten udalerriak sartzen dira). Azken hamarkadatako emaitza soziolinguistikoek erakutsi dute udalerri euskaldunenetan euskararen ezagutza behera egiten hasia dela, baita erabilera ere. Josu Labaka UEMAko lehendakariaren hitzak dira: "Alarmak piztuta ditugula onartu behar dugu". Udalerri euskaldunak euskaldun izaten jarraitzea nahi bada, ez da nahikoa egoera soziolinguistikoaren erretratua egitea. Herritarrek jakin behar dute zer ari den gertatzen beraien herrietan, "eta ahaldundu behar dira. Herrietan lanean hasita gaude, baina hezkuntzan aritzea ere beharrezkoa da. Gaur ikasle direnek jakin behar dute zer gertatzen ari den, eta askatasunez bakoitzak erabakiko du horren aurrean zer egin".
Xabi Aizpurua UEMAko teknikaria aritu da irakasleei prestakuntza saioak eskaintzen, eta berak, Labakaren hitzak beste modu batez laburbildu ditu: "Gaur soziolinguistika landu nahi dugu, bihar ikasleen jarreretan aldaketak emateko aukera zabaltzeko, eta etzi, herriek nagusiki euskaraz jardun dezaten lor genezake.
Euskara Euskal Herrian hizkuntza nagusia ote?
Soziolinguistika, arnasgune kontzeptua eta hizkuntza ekologiaren inguruko diskurtsoa landu dituzte ikastetxeetan. Galdera berberak bi aldiz egin dizkiete ikasleei; lehenengo kolpean gaiaren inguruan inolako ariketarik, eta beraz, hausnarketarik egin gabe. Artikulu hasieran aipatu ditugun moduko ariketak eginda gero, bigarren aldiz galdetu diete. Ikasleen erantzunak beltzetik zurira aldatzen ez badira ere, irakasleek antzeman dute hiru hilabeteko esku-hartzea.
Esku-hartzeen lau adibide azalduko ditugu. Batean hizkuntzen arteko oreka landu dute. Gehiengoa hizkuntza guztiak indartsu bizitzearen alde agertu da (DBH3koen %82 eta DBH4koen %90). Batez beste, %84 hizkuntzen arteko desoreken aurrean ahulenen alde neurriak hartzeko prest egongo lirateke. Bada, ikasgelan ariketak eginda, neurriak hartzearen alde %20 gehiago agertu da. Euskal Herrian euskara hizkuntza nagusia ala gutxitua den ere galdetu diete. Jarduerarik egin gabe, %31k uste du euskara Euskal Herrian hizkuntza nagusia dela, eta aldiz, irakasleekin gaia landu ondoren, erantzun zuzena (euskara ez dela hizkuntza nagusia Euskal Herrian) %12 hazi da, guztira %57 izatera iritsiz. Arnasgune kontzeptua –hizkuntza gutxitua normaltasunez erabiltzeko baldintzak dauden herriak kasu honetan– ere landu dute. 10etik 9k ez zuen inoiz entzun. Ikasleek arnasguneen izaera aldakorraz hausnartzeko aukera izan dute. Hots, udalerri euskaldunean bizitzeak zer esan nahi du, beti izango dela udalerri euskalduna? Ez dute ezagutzak eta erabilerak atzera egingo? Herritarrak lasai bizi daitezke atzerakadaren kezkarik izan gabe? Kezkatzeko arrazoirik ez dagoela uste du ikasleen %27,72k irakaslearekin gaiaz hitz egin aurretik, eta ondoren, %9k.
Beste ariketa batean euskara indartzeko norberak zer egin dezakeen eztabaidatu dute. Jarduerak eginda, %17 igo da zer egin dezaketen badakitela dioten ikasleen kopurua. | news |
argia-316b31a6c44b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/masokismoa-gaindituz-goza-dezakegun-nazio-baten-alde.html | Masokismoa gaindituz: Goza dezakegun nazio baten alde | Joseba Gabilondo | 2016-04-24 | Masokismoa gaindituz: Goza dezakegun nazio baten alde
Krisi hotsak nonahi sumatzen dira azkenaldian: Euskal Herria ardatz duen ezker politikoan, bere burua berrasmatu nahian ari diren zenbait herri mugimendutan, euskal kulturan... Badirudi gizarte sektore oso batek ziklo bat itxi duela. Eta ondoren, egoera berrirako erreminta ideologikoen faltan ikusi duela bere burua. Egoera horri irtenbidea bilatzeko ahalegin gisa ulertu behar dira azken urteetan eztabaida ugariren iturri izan diren saiakerak independentismoa nazionalismoaren marko teorikotik harago eramateko. Artikulu honetan, Joseba Gabilondo Michigan State Universityko irakasleak ildo horretan egindako planteamendu batzuei erantzun nahi izan die, eztabaida aberaste aldera.
Fase postidentitario eta postleninista
Badirudi fase postidentitario batean gaudela euskal abertzaletasunaren politikan. Andoni Olariagak Independentzia Helburu liburuari egin dion sarreran argi uzten duenez, paradigma nazionalista klasikoa (nazioa=subjektu bakar bat, identitate bakar bat) ahitu da. Imanol Galfarsororen "euskaldunak desagertu egin behar du" edo Unai Apaolazaren "ez naiz abertzalea, independentista naiz" horren seinale dira. Jule Goikoetxearen "euskal estatu feministak" ere eredu nazionalista klasikoa krisian jartzen duen subjektu aniztasuna aldarrikatzen du, identitarioa ez den gatazka nazio barrura eramanez. Olariagaren sarrera, zoritxarrez, 1980ko hamarkadako "narratiba jaunen amaieraren" ( end of master narratives ) bertsio postmodernoetatik gertuegi dago, gurean krisi honek izan duen berantiartasuna bistaratuz. 1990ko hamarkadarako jada literatur kritikan argi azaldu genuen garai postnazional batean geundela (ikus nire Nazioaren hondarrak) baina diskurtso politikoak izan duen bilakatze eta eguneratze urri eta pobrea dela-eta, aje postnazionalak orain iritsi dira euskal eremu politikora. Filosofian ere Mitxelko Urangak amaiera nazionala azaldu zuen bere Espektroak: euskal terroristak en (2010).
Bestalde, fase postidentitario eta postnazional honek, era berean, fase postleninista batekin kointziditu du ezker abertzalean. Tradizio leninista batetik dator alderdiak –eta bertan alderdiko elite gidariak eta/edo talde armatuak– borroka politikoa pentsatu, planifikatu eta oinarri militanteei helarazteko ahalmena eta erantzukizuna duen paradigma politikoa; ezker sozialistaren politika definitu du XX. mendean. Arnaldo Otegiren El tiempo de las luces irakurriz gero ("KAS alternatibarik ez") edo azken hauteskunde kalapitatsuen ondotik oraindik ere era leninista batean hedatutako Abian txostenak argi uzten du, desira mailan behintzat, alderdiak oinarri militantea gidatzeari uko egin behar diola eta entzun egin behar duela, erabakitze dinamika behetik gora berregituratuz ( Abian nork idatzi duen zehazki ez du dokumentuak esaten; oinarriei, entzun beharrean, dituzten kezketatik abiatuta txosten bat behetik gora idazteko, aurrez "goitik" idatzitako txostenarekin ados datozen ala ez galdetu zaie, goitik-beherako dinamika erdi-leninista batean).
Egiazko galdera zera da: nazioari uko egin behar al diogu, geroaldi burujabe baina ez oso argi baten truke? Erantzuna ez da. Geroaldi buruaski eta 'hobeto bizitako' batean, EAJ neoliberal eta globalizatu batek izango luke agintea. Eta beraz beste erantzun oso desberdin eta baikorragoa sortu behar dugu"
Konfluentzia postidentitario eta postleninista honen ondorioz, ezkerrean afektibitate ezkorrez definitutako giro bat hedatu da: nekea, frustrazioa, etsipena, ezulertua, eta, batez ere, desorientazioa. Kexak ugari izan dira: "Horrenbeste urte borrokatu eta gero, 'euskal nazioa' zakarretara bota behar al dugu, oraindik ere argi ez dagoen proiektu independentista baten alde?". Izan ere, ezkortasunak definitzen ditu Galfarsoro, Apaolaza eta Goikoetxearen ereduak: zegoena ezeztatuz definitzen dituzte beren proiektuak eta ez dira gai geroaldi politiko argi bat azaltzeko. Galdera oinarrizko bati ez diote erantzunik ematen: "Azkenean, independentzia zertarako, ez bada euskal nazioa askatzeko?". Joxe Azurmendik eman du proposamen hauen aurkako erantzun klasikoena: "Nazioa objektiboki deskriba daitekeen zerbait da edo ezer ez da". Proiektu ezkor edo nazio-aurkako hauek, zer eskaintzen duten era baikorrean galdetuz gero, itxuraz oso neoliberala ematen duen erantzun bat eskaintzen dute: estatu euskaldun burujabea behar dugu hobeto bizitzeko . EAJk jada diskurtso hori monopolizatu du, berorren azken funts neoliberala ulertu baitu. Eta emaitza hobeekin gainera: "Egun Euskal Herrian bezala ez da inon kudeatzen". Mezu neoliberal eta azken batean kapitalista-zale honek dagoeneko mezu independentista kooptatu du, izan ere, "hobeto bizitzea" eta "hobeto kudeatzea" loturik daude gaur egun globalizazioan, "hobe bizitzeak" zer esan nahi duen zehazki definitzen ez baduzu behintzat. Hala, EAJk eskaintzen duena zera da: ia esfortzurik gabe (boto bat lau urtero), eta itxuraz gatazka politikorik gabe, hobeto bizitzeko aukera. EH Bilduk ez du kudeatze politika hori urtetan egin izanaren esperientzia, udaletan izan ezik, EAJren antzera; Gipuzkoako Aldundian lau urtez kudeatutako gobernua esperientzia motzegia da. Hala, EAJk proposatzen duena neoliberalismo ez hain gaizto bat, kapitalismo onberago bat da, eta euskal independentziari eduki eta zentzu zehatzago bat ematen ez zaion bitartean, jendeak, globalizazio kapitalistak sortutako beldur giroak eraginda, botoa alderdi horri emango dio. Noizbait gerora, EAJren itxura erabat neoliberala azaleratuko da, baina oraingoz anbiguotasun ideologiko horretan oinarriturik iraun dezake urtetan ("hemen bezala ez da inon kudeatzen > bizitzen").
Egiazko galdera zera da: nazioari uko egin behar al diogu, geroaldi burujabe baina ez oso argi baten truke? Eta erantzuna ez da. Geroaldi buruaski eta "hobeto bizitako" batean, EAJ neoliberal eta globalizatu batek izango luke agintea. Eta beraz beste erantzun oso desberdin eta baikorragoa sortu behar dugu. Horretarako, lehenik, historian eta teoria politikoan barneratu behar gara, impasse postindentitario, postnazional eta postleninista honetatik ateratzeko (eta "post" aurrizki gorrotagarri hauek azkenik historiaren zakarrontzira bota ditzagun).
Diferentzia eta kapitalismoa: erabiltze eta truke balioa globalizazioan nola sortzen den
Gai honen erro historikoa ulertzeko, marxismoak eta nazionalismoak izan duten talka historikoa entelegatu behar da, izan ere arazo hori ez zen inoiz konpondu eta orain berriro ere itzultzen ari da mamu bazterreratu eta erreprimituen indarraz. Sasoian, marxismoak zioen iraultza proletarioa zela borroka garrantzitsu eta esanguratsu bakarra. Iraultza hedatu ahala, nazioaren arazoa aire hutsean desagertuko omen zen. Benedict Andersonek jada 1983an onartu zuen bezala (Imagined Communities ), marxismoaren errakuntza nagusia eta oraindik ere ikasgai pendientea nazionalismoa da.
Egun, izpiritu bera eguneratuz, Alain Badiou edo Slavoj Zizek bezalako ezkerreko filosofo politikoek nazionalismoarekiko ezeztapen marxista hedatu dute edozein diferentziarekiko. Nazioa, etnia, sexua, generoa eta arraza bezalako diferentziak bigarren mailakoak direla aldarrikatu dute biek ala biek –eta Jacques Ranciérek ere bai, beste maila batean–. Badiouren "indifférence à la différence" ( L'être et l'événement ) ezagunak laburbiltzen du jarrera hori. Bi filosofoek diote multikulturalismo edo kultur-aniztasunaren izenaz bateratu diren diferentzia guzti hauek kapitalismoak jada barneratu eta kooptatu dituela, eta beraz, kapitalismoaren esplotaziorako tresna bihurtu direla. Zizekek, gainera, esaldi batean kaptatu du kultur-aniztasunaren aurkako pentsaera hau: "Kultur-aniztasuna arrazismo forma bat da", alegia, kultur-aniztasunak defendatzen dituen subjektu horiek are gehiago zapaltzen ditu ( The Ticklish Subject ). Galfarsorok gure artean eztabaida harantzago eraman du, esanez diferentzia horiek kapitalismoak sortzen dituela ( "Etnizitatea, kapitalismoa, euskara eta hegemonia" , Lapiko kritikoa n). Berak aipatu ez badu ere, honetan Michel Foucaulten tesi bat defendatu du, Judith Butlerrek ere onartu duena: estatu kapitalistak sortzen dituela subjektuak, eta haien ordezkari, defendatzaile eta bermatzaile bihurtzen dela ondorean ( Gender Trouble ).
Honetan filosofia (post)marxista eta foucaultiarrak erabat erraturik daude, azken batean euskaldunak, subjektu politiko gisa, kapitalismoak (edo estatu kapitalistak) sortu dituela inferitu behar baita, eta beraz euskalduntasuna bera kapitalismoak erabiltzen duen tresna edo teknologia dela, gu are gehiago zapaldu eta kooptatzeko. Badiouk, azken aldian, Frantzian etorkin atzerritarrekin (postkolonialekin) izan dituen esperientzien ondoren, zertxobait aldatu du bere iritzia diferentziaren alde (diferentzia arrazial eta etnikoaren alde). Alabaina, azken batean, Zizek, Badiou, Foucault (eta Butler bera neurri batean, ikus Joseph Massad "Reorienting Desire") diferentziaren etsai dira eta beraz diferentziaren aurkako filosofo hauek ez digute laguntzen gure eztabaida postnazional-identitarioan. Maila horretan, argi utzi behar da diferentziaren aurkako filosofoak salatu eta arbuiatu behar ditugula Euskal Herrian, geroaldi politiko bat izango badugu. Proklama bezala beraz, esan dezagun, Zizek eta Badiou akabatu behar ditugula (sinbolikoki jakina), Euskal Herri postnazional eta buruaski bat izango badugu.
Arrazoiak bi motatakoak dira. Alde batetik, marxismoak, oinarrian hegeliarra delako, beti ulertu du kapitalismoa prozesu historiko unibertsal bezala. Hots, Karl Marxen arabera kapitalismoa lehenik mundu osora hedatu behar zen, gizateriak (proletalgo unibertsalizatu batek) gero kapitalismoa gainditu eta komunismoa inposatuko bazuen. Marxek, hala, Indiaren kasuan zioen herri hari gertatutako gauzarik onuratsuena kolonizazio britainiarra zela, azken batean kapitalismoaren sarrera azkartu baitzuen Indian ("The British Rule in India"). Fernand Braudel eta Annaletako historiografia marxistaren ondorioz, Marxen elaborazio hegeliar honek beste maila filosofiko bat lortu zuen, izan ere marxismo horren arabera, salgaia edo merkantzia bihurtu zen lehenengo kategoria historiko unibertsala, gizateria historia bakar baten subjektu unibertsal bihurtu zuena: denak balio kapitalista zuen munduan sartzen zen gizateria. Hala, marxismoarentzat, salgaia bada kategoria unibertsal bakarra, beste edozein kategoria (nazioa, generoa, sexua, arraza, hizkuntza…) bigarren mailako edo sekundario bihurtzen da eta beraz bere partikulartasun ez-unibertsalak ukatzen dio estatus historiko-politiko eraldatzailea. Beraz guztiok gara kapitalista, salgaiaren bidez mundu historia globalean bizi garenak: gure estatus euskalduna edo buruaskia bigarren mailakoak dira.
Beste aldetik, 68ko maiatzeko iraultzan diskurtso marxista honek bigarren fase bat ezagutu zuen eta ondorioz, bigarren arrazoi mota bat sortu zuen marxismoaren indiferentziarentzat (edo giza diferentziekiko indiferentziarentzat). Hain zuzen, momentu honetan bestelako diferentzia ez-kapitalistak sartu ziren borroka politikoan. Deskolonizazio prozesu independentistek argi utzi zuten, batez ere Frantz Fanonen eskutik, arraza ere diferentzia unibertsala zela, gizateria guztia baitzegoen kolonialismoaren zatiketaren alde batean edo bestean ( Les Damnés de la Terre ). Feminismoak ere, Luce Iirigaray eta Monique Wittigen eskutik, feminismoaren erreduzitu ezintasuna aldarrikatu zuen ( Speculum de l'autre femme; La pensée straight ).
Alabaina, zenbat eta aldarrikapen erreduzitu ezin gehiago egin, argiago geratu zen aldarrikapen hauen guztien azken zeruertza estatua zela. Borroka horiek, nahiz eta unibertsaltzat izan beren buruak, estatu barnean egin ziren eta estatu dinamika bati erantzunez: estatuaren bermea edo errefusapena jaso zuten heinean izan zuten arrakasta politikorik. Feminismoa azken batean frantsesa zen, eta feminismoak estatuka eratu zuen bere burua eta estatuka borroka egin. Iraultza prozesu antikolonialak ere Kuban, Nikaraguan edo Nigerian gertatu ziren eta estatu logika baten arabera. Hala, kapitalismoak estatua erabili du borroka horiek guztiak bermatu edo/eta kooptatzeko eta azkenean estatuaren hedapen bihurtu ditu (emakumearen aldeko institutuak, elkargo edo autonomia estatua…). Hortik kultur-aniztasun ofizialak sortzen duen mesfidantza filosofo postmarxisten artean. Borroka hauen prozesu estatalizatzaile azkenak Bolivian gertatu dira (eta beste hein batean Kolonbian, Brasilen eta Venezuelan) non estatuak klase pobreak, gehienetan arrazialki markatuak, bihurtu dituen bere estatu-politika aurreratzaileen subjektu ("marea arrosa" deitu zaiona). Han ere mundu-ikuskera indigena hartu du estatuak bere politika eta konstituzioa definitzeko ("el vivir bien"), eta pobrezia mailak aldatu badira ere, esplotazio sistema nagusiak ez (kapitalismo andetarra/ capitalismo andino ; ikus Silvia Rivera Cusicanqui, John Beverley eta García Lineraren gogoetak).
Ondorioz, kapitalismoaren edo salgaiaren balio unibertsala ez duten borroka hauek guztiak estatuaren logika kultur-anitzak jan dituela ematen du eta, era berean, klase proletarioaren historia ere desagertu dela, klase hau ere "kultur-aniztu" baita bere klase nortasuna galduz. Ondorioz, ezkerrak bere politika agenda galdu du eta subjekturik gabe geratu da. Hala, eta erreakzio bezala, egungo filosofo marxistek kultur-aniztasuna salatu dute eta, aldiz, oraindik ere borroka unibertsal bakarra kapitalismoaren aurkakoa dela defendatu dute. Alabaina, diferentzia ukatzen duten filosofo hauen borroka antikapitalistek kontraesan handi bat dute: ez dute subjektu politikorik. Hots, ez dago kapitalismoaren aurka altxatuko den subjekturik, izan ere subjektu oro egun diferentziak markatzen du eta beraz ez da unibertsala: alegia, filosofo hauentzat feminismoa ez da borroka garrantzitsua eta unibertsala, halaber borroka nazionalista eta independentzia-zalea, edo borroka antiarrazista eta etorkin-zalea. Borroka guzti hauek esanguratsu dira bakarrik kapitalismoari jazartzen zaizkien heinean eta beren borrokaren erro edo oinarri historiko-diferentzialari uko egiten dioten heinean (emakume bat antikapitalista da ez emakumea delako, baizik eta kapitalismoaren aurka dagoen subjektu diferentzia gabea delako). Hala, eta Ernesto Laclauren hitzetan, Zizek "martzianoen zain" geratu da, hots, ez dagoen subjektu politiko baten zain, eta gauza bera Badiou, ez dagoen klase proletario bat noiz sortuko zain, Joan Bataiatzailearen fedeaz etorkizun hurbilean etorriko dela iragarriz.
Euskal Herrian ere eztabaida horrek izan du bere ondorioa. Argala k eta enparauek, Franco hil aurreko ETAren eztabaidetan, euskal langileria osoa, bertakoak eta etorkinak, euskal subjektu iraultzailearen parte zela aldarrikatu zuenean goiko akats bera errepikatu zuten. Hain zuzen euskal langile denak (bertakoak eta etorkinak) subjektu proletario edo kapitalismo-aurkako baziren, ez zegoen arrazoirik estatu euskaldun buruaski bat sortzeko, azkenean euskalduntasuna trantsiziozko kategoria sekundarioa baitzen, komunismo unibertsal eta nazio-gabekorako baten bidean. Eta beraz ETAk eta independentziaren aldeko mugimenduak poliki-poliki langileriaren edo klase proletarioren kategoria saihestu badu, inguruko estatu guztiek adoptatutako politikei jarraiki zaielako izan da, gatazka proletarioa estatu arazo bihurtuz, hots arazo nazional bat. ETAk 60ko belaunaldian konpontzen jakin ez zuen arazoak bere bidetik segi du eta, azkenean, gatazka politiko ororen patua jasan du: estatalizazioa, estatu mailan konpon daitekeen uste ustela, bertatik independentziaren zentzu huts edo zentzugabea gaur egun.
"Arazoa diferentzien politika aurrerakoi bat eratzea da, non nazioa, sexua, generoa edota arraza bezalako diferentziak bihurtuko diren estatu neoliberalaren aurkako politika global baten abiapuntu. Alain Badiou eta Slavoj Zizek abandonatu behar ditugu, subjektu politikorik gabe uzten gaituzte, 'martzianoen zain', kapitalismo global baten zapalkuntza sexista, arrazista eta antietnikoek aurrera segitzen duten bezala"
Marxismoak ez du jakin diferentzien politika sozialista bat sortzen eta, ondorioz, subjektu politikorik gabe geratu da. Bi izan dira honen aurka proposatu diren ereduak, baina biek ala biek ez dute estatua gainditzen jakin zeruertz politiko gisa. Alde batetik, Laclauk eta Chantal Mouffek proposatu dute hegemonia gramsciarraren eredua, estatu barneko subjektu politiko diferente guztien politika bat eraikitzeko, kapitalismoaren eta salgaiaren balio unibertsalari uko eginez (gure artean Mario Zubiagak hedatu duena). Alabaina, eredu horretan eta Laclauk proposatu dituen teorizazio berriagoetan ( On Populist Reason ), zeruertz politikoa oraindik ere estatua da. Are, neoliberalismo- eta globalizazio-aurreko estatu tradizional edo klasikoa da Laclauk buruan duena. Eta zentzu horretan, Laclauk ez dio erantzuten egun estatuak duen funtzio berriari globalizazio neoliberalean: diferentzia politiko guztiak zapaltzea eta kapitalismo globalarentzat kudeatzea eta esplotatzea. Beste aldetik Michael Hardt eta Antonio Negrik, biopolitikaren kontzeptu foucaultiarra erabiliz, diferentzien politika global bat proposatu dute kapitalismo neoliberal eta globalaren kontra ( Common Wealth ). Alabaina, beraiek proposatzen duten diferentziaren ulermena lehen munduko klase ertain edo garaiena da (azken batean unibertsitate irakasle aberatsarena) eta diferentzia guztiak homogeneizatuz, estatuak eta merkatuak bermatutako kultur-aniztasun ofizialaren arazoa edo kontraesana errepikatu dute. Estatuak barneratu eta kooptatu dezakeen diferentzia politika bat proposatu dute, estatuak eta globalizazioak jokatzen duten dinamika ez baitute aintzat hartu. Hots, Hardt eta Negriren eredua, "klase proletario diferentzial hedatu" batena da, "klase proletario kultur-anitza" baina azken batean paradigma marxista klasikoaren arabera, eredu proletarioaren arabera, eraikia. Berauen ustea da, klase proletario kultur-anitz eta global hori kapitalismoaren aurka altxa daitekeela maila globalean, berriro ere estatu neoliberalaren funtzioa kontutan hartu gabe. Francis Fukuyamak The New York Times entzat egin zuen erreseina batean zioen bezala, bi filosofo hauena baldin bada ezkerrak duen eredurik iraultzaileena, kapitalismoak lasai lo egin dezake.
Beraz, berriro ere arazoa diferentzien politika aurrerakoi bat eratzea da, non nazioa, sexua, generoa edota arraza bezalako diferentziak bihurtuko diren estatu neoliberalaren aurkako politika global baten abiapuntu. Hots, Badiou eta Zizek abandonatu behar ditugu, izan ere, kultur-aniztasun ofiziala estatuak kooptatu du, baina zapalkuntza diferentzialek (generozkoak, arrazialak, etnikoak, hizkuntzazkoak, nazionalak…) segitzen dute eta, seguruenik, areagoturik. Beraz erantzun ezkorrek ("kultur-aniztasunari ez") ez dute ezer konpontzen eta subjektu politikorik gabe uzten gaituzte. Hots, "martzianoen zain" geratzen gara, esaldi laclautarra erabiltzekotan, kapitalismo global baten zapalkuntza sexista, arrazista eta antietnikoek aurrera segitzen duten bezala.
Ezkerraren politika marxista unibertsalistaren dinamika masokista-leninista
Goiko ereduak badu zerikusi zuzena Euskal Herrian sufritzen dugun egoera ezkorrarekin; nekeak, frustrazioak eta etsipenak eragiten dituen gure momentu honekin. Izan ere, eredu marxista unibertsalistak eragiten duen politika mota leninista da, liderraren (HB, ETA, KAS alternatiba) obedientzia militanteak eragiten duena. Marxismoaren politikan alderdi komunista da historiaren dialektika unibertsala bere konplexutasun historikoan ulertu dezakeen bakarra; oinarriak edo baseak segi baino ez dio egin behar. Politika hau masokista da eta egungo egoera ezkorrera garamatza. Behean esplikatuko dudan bezala, diferentziaren eta unibertsaltasunaren politikek bere osagai libidinala, gozamenezkoa, dute. Eta politika leninistak gozamenari uko egitea eskatzen dio, masokismo politikoaren alde.
Egundaino euskal politika kartesiarra izan da, azken batean bere subjektuak zuten intelektoak definitzen dituela pentsatu izan baitu (bertatik euskal estatu burujabe baina ez-nazional baten proposamen "hutsa"). Hala, proposamen guztiak arrazionalak izan dira eta arrazionaltasunaren izenean defendatu dira. Baina, esperientziaz dakigun bezala, politikak badu bere alderdi libidinala, orain artean Euskal Herrian kontutan hartu ez dena: sufrimendua, gozamena, masokismoa, eta abar. Are, alderdi libidinala kartesiar-arrazionala bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa dela ulertzen ez dugun artean, erraturik ibiliko gara. Politika libidinal bat behar da. Hurrengoa lehen gogoetak baino ez dira.
Orain artean gozamen nazional-politikoari uko egin zitzaiokeen, politika masokista batean biziz, "euskal nazioa" zeritzon subjektu baten izenean: guk etsiko diogu gure gozamenari, gero subjektu nazionalak (gure seme-alabek) goza dezan. "Eusko gudariak" edo Arestiren "Nire aitaren etxea" ideologia horren eredu onak dira. Baina orain, gainera, politika independentzia-zaleek euskal nazioari uko egitea eskatu diguten honetan, politika masokista-leninista bere mugara eraman dute: "Etsi zuen gozamen politikoari oraindik ere zer izango den ez dakigun estatu euskaldun baten izenean" (eta azken batean euskalduna ere izango ez den estatu baten izenean). Agindu hau era leninista batean eman dela kontutan hartuta, oinarri edo base politikoak, hots, boto-emaileek, planto egin diote: "Ez diogu gure gozamen euskaldunari uko egingo euskalduna izango ez den estatu baten izenean, estatu huts baten izenean, eta are, hobe biziko garela ere ziurta ezin diezagukeen estatu baten izenean" (ikus Hasier Etxeberriaren "Abertzaletasunaz eta aeronautikaz" eta Santi Leoneren "Estatu tekniko bat utzi eta ikurrinak sukaldeko trapu bihurtu" ). Hor oinarri politikoak uko egin dio bere gozamena era masokista batean gozatzeko agindu leninista-marxistari. Askok, gainera, etsita, Podemos bezalako alderdiei botoa eman die. Bai, hor gozamen euskaldunari uko egitea eskatu zaie: erreferendum bat agian, baina independentziarik ez, Madrilen Pablo Iglesias patriota español izateaz harro baitago. Baina behintzat gozamen sozial eta ekonomiko baten proposamen zuzen eta ez-leninista egin zaie: Pablo Iglesias azaldu ere ez zen egin Euskal Herrian, Leninen mamua are gehiago disolbatuz (hots, Iglesiasen absentziak lagundu egin zion Podemosi Euskal Herrian). Gazteek, batez ere, era baikor batean erantzun diote Podemosen proposamenari: "Bai, ahal dugu, bai, ekonomia eta gizarte egoera aldatu ahal dugu, euskalduntasunari uko egin behar badiogu ere, edo gure gozamen euskalduna era masokista batean atzeratu behar badugu ere".
"Politika postnazional batek, lehenengo eta behin,
uko egin behar dio masokismo leninistari ('liderrari obeditu, zuen gozamenari uko eginez, geroko estatu nazional baten izenean, zuen seme-alaba euskaldunago eta zoriontsuagoen izenean') eta masokismo postidentitarioari ('zuen gozamen euskaldunari uko egin euskalduna izango ez den eta agian hobeto bizitzen lagunduko digun estatu huts eta gozamen-gabe baten alde')"
Leninismoak eragindako gozamenaren zentzu masokista ulertzeko, berriro ere EAJri begiratu behar zaio. Proposatu dituen formula politiko ez-indenpendista guztiak, eta batez ere azkena, "nazio forala", anbiguoak, esanahi zehatz gabekoak, eta azken batean atzerakoiak badira ere, gozamen ez-masokista bat eskaintzen dio boto-emaileari: "Ez ezeri uko egin, zuen lehenaldi nazional-foralarekin harro bizi, subjektu kuasi-soberano izan eta, gainera, gozamen hori ondo kudeatzen dugula frogatu dugunez, eman botoa, hobeto biziko baitzarete gurekin". EAJk arazoak gazteekin ditu, gazteek kudeaketa neoliberal honen abantailak pertsonalki, beren buruengan, ikusten ez dituzten neurrian. Baina EAJk politika libidinal ez masokista bat eskaintzen du (neurotikoa dena, baina hori azaltzeko ez dugu lekurik).
Beraz politika postnazional batek lehenengo eta behin uko egin behar dio masokismo leninistari ("liderrari obeditu zuen gozamenari uko eginez, geroko estatu nazional baten izenean, zuen seme-alaba euskaldunago eta zoriontsuagoen izenean") eta masokismo postidentitarioari ("zuen gozamen euskaldunari uko egin euskalduna izango ez den eta agian hobeto bizitzen lagunduko digun estatu huts eta gozamen-gabe baten alde").
Egun badakigu arazoa estatua dela eta beraz argi daukagu subjektu nazionalista tradizionalaren ereduak ez duela gerorik. Ezin dugu independentzia lortu euskal subjektu homogeneo eta bakar baten izenean, estatuak, hain zuzen, diferentzia guztiak bereganatu eta euskalduntasunaren izenean zapalduko baititu. Estatu bat behar badugu, eta estatu horrek neoliberalismo globalaren logika ekonomikoaren izenean zapalduko ez bagaitu (ez dago dirurik hiritarrentzat, bankuentzat bakarrik), horrek beste politika bat eta beste gozamen ez-masokista bat eskatzen du: estatu bat behar dugu gure diferentzia guztiak gozatzen utziko diguna eta, hala, globalizazioaren eta neoliberalismoaren borrokan lagunduko diguna.
Hala, estatu horrek euskalduna izan behar du, baina baita etorkina, emakumeena, gazteena, sexu guztiena, arraza guztiena… muga bakar bezala besteen diferentzien errespetua litzateke eta diferentzia horien gozamen globala (maila horretan estatu honetan gozamena neurotikoa litzateke, baina ez masokista). EAJk hobeto kudeatuko duen sasi-estatu sekula ere erabat ez-buruaskia eskaintzen badigu hobeto bizitzeko, ezkerrak aldiz gure diferentzia historiko guztiak gozaraziko dizkigun euskal estatu bat eskaini beharko luke, non gure gozamena berme bihurtuko den neoliberalismo globalaren politika zapaltzaileen aurka.
Nazio foral kudeatua vs. nazio subalterno globala
Horrela ulertuta, gure historia –eta historia horretatik izoztu ditugun zeinu itxuraz egonkorrak (kultura folklorikoa eta etnikoa)– ez da bakarra, egonkorra, hegeliarra eta beraz, ezta nazionala edo identitarioa ere. EAJren azken formulazio ideologikoak, "nazio foralak", ezkutatzen duena da, XVI. mendetik aurrerako euskal historia zera dela: elite foruzale batek gehiengo subalterno edo klase behereko bat zapaldu eta esplotatu izanaren historia, horretarako euskalduntasunaren diferentzia estatu espainiarraren aurrean argudiatuz (Espainiako biztanle eta hizkuntza zaharrenak, kaparetasun unibertsala, foruen izaera paktista… Iparraldea ez litzateke dinamika honetan sartuko eta errepublikanismo jakobinoaren historia aztertzea eskatuko luke). Esplotaziozko historia postnazional honetan, euskara ez da gure "hizkuntza nazionala". Euskarak, hizkuntza ez-nazional bezala, ez luke elite foral baten joko bikoitza zilegituko: klase subalternoak zapaldu eta klase horien "identitatea" erabili beren buruak zilegitzeko, koroa/estatu gaztelau/espainiarraren aurrean. Euskara, hain zuzen, zera litzateke: gehiengo subalterno batek erabili duen hizkuntza esplotazio horri aurre egiteko eta esplorazio horren kontra bizitzeko. Eta beraz euskara esplotazio baten kronika postnazional ez-identitario baten hizkuntza da. Eduardo Apodakaren proposamena ( Identitatea eta anomalia ) bide horretan doa, diferentziak diferentzia.
Baina euskara ez da bakarra Euskal Herrian, beste esplotazio batzuk ulertzeko eta egituratzeko balio du halaber. Beraz euskarak edo euskalduntasunak ez du esklusiboki hiritar euskalduna definitzen, beste esperientzia ez-euskaldun askoren hizkuntza eta erreferentzia bihurtzen da, etorkinak barne. Hots, Euskal Herrira etorritako etorkin esplotatuen gaztelania ere euskara forma bat bezala ulertu beharko genuke, eta beraz beste euskalki bat bezala onartu. Gaztelania subalterno hori euskaldun etorkin askoren historiaren hizkuntza da, eta hala onartu beharko genuke eta gozatu. Hots, gaztelania hori (eta askotan asturiera, aragoiera, eta beste hizkuntza subalterno etorri berriagoak ere, hala nola, arabiera) ez da estatuko instituzioek ofizialki erabili duten bera; horiek bi hizkuntza desberdin dira eta horrelaxe berezi beharko genituzke. Hala ulerturik, euskal historia subalterno eta anitz baten esplotazioaren historia eta historia horrek eman duen kultura bihurtuko litzateke: gure "etnia" eta gure "oroimen historiko" gozagarria, hots, gure nazioaren esentzia ez-bateratu, historiko eta politikoa. Eta historia horrek oinarri eta erroak ematen dizkigun heinean, era berean eskaintzen digu egun klase euskaldun/basko elitezko baten kolaborazioarekin berregituratzen ari den esplotazio neoliberal-globala ulertzeko bidea. Historia hau bai disfruta dezakegu. Era berean bi gauza eskaintzen dizkigu: egungo esplotaziorako narratiba bat eta jarraitasun historiko bat. Hots, gozamen politikoa ematen digu.
Ez dugu euskal nazioa hustu beharrik. Beste historia postnazional eta postidentitario batean,
'euskal nazio' hitzak historia askozaz konplexu, heterogeneo eta anitzagoa eskaintzen digu gure gozamen politikorako, eliteak antagoniaren beste aldera, etsaiaren aldera, mugituz beren jarraitasun historikoan"
Hala, ez dugu euskal nazioa hustu beharrik. Beste historia postnazional eta postidentitario honetan, "euskal nazio" hitzak historia askozaz konplexu, heterogeneo eta anitzagoa eskaintzen digu gure gozamen politikorako, eliteak antagoniaren beste aldera, etsaiaren aldera, mugituz beren jarraitasun historikoan (euskal ahaide nagusiak > kaballeritoak > EAJko klase neoliberal elitezkoa…). Eta azkenik, historia honek esanahia ematen dio bestela huts eta zentzugabekoa izango litzatekeen estatu huts bati, hots, izenez bakarrik euskalduna izango litzatekeena (euskal izan nahi duen eta ezin duen estatua). Eta are, estatu hori ulertarazten lagunduko liguke, ez helburu eta helmuga bezala, baizik eta historia luzeago eta gozagarriago baten beste fase bat bezala, inondik ere estatuarekin amaitzen ez dena, bai baitakigu estatua ere instituzio zanpatzaile bihurtzen duela globalizazioak. Historia subalterno eta diferentzial horrek zer itxura izan dezakeen esplikatzen saiatu naiz nire Before Babel liburuan, abiapuntutzat literatura hartuz, baina azkenean euskal literatura ez-nazional baina gozagarri eta diferentzial baterako oinarri postnazional eta ez-identitarioak ezarriz.
Azkenik abiapuntu honek beste arazo bat argitzen laguntzen digu: nor izango da estatu horren buru? Ezkerrak oraingoz estatuaren eredu liberala ezarri nahi du (demokrazia, botere banaketa…). Baina estatu sortu berri edo europartu askotan (Kosovo, Bosnia-Herzegovina, Polonia, Hungaria….) ikusten den bezala, historiak izugarrizko pisua du eta historia ulertzen ez bada, demokrazia liberal itxura duen baina autoritarioa den estatu batean amai dezakegu.
Kapitalismoari erresistentzia eta berlurraldetzea, gain balioaren lehenengotasuna
Entelegatzeko zergatik gure diferentzien zapalkuntzaren historiak kapitalismoaren kontrako borrokan lagunduko digun eta borroka hori gozagarri egingo duen, berriro ere teoria marxista birbisitatu behar dugu. Hasieran eztabaida teorikoegia irudi badezake ere, beharrezkoa da ezkerraren egoera politiko bidegaldua zuzentzeko. Egun, ezkerraren zeruertz ideologikoak sasoian sozialdemokrazia zenaren ongizate estatuko lorpenei arrakastarik gabe eusteko saio izaten amaitu du. Egun ezkerrak sozialdemokrazia klasikoaren itzal lotsagarri bat izaten amaitu du (helburua Suedia adabakitu bat beste estatu gehienetan ezartzea da, Suedia, bien bitartean, neoliberalizatzen ari denean). Nahikoa da EH Bilduko 2015ko programari edo Abian txostenari begiratzea.
Arazoa marxismoaren hasieran dago. Marxismoarentzat gauzek erabilera balio ( use value ) bat badute ere, kapitalismoak ez du erabilera balio hau hartzen abiapuntutzat, baizik eta truke balioa ( exchange value ), hots, salgaiek elkar trukatzeko duten balioa, zeina salneurriaren bidez neurtzen den, hots, diruaren bidez. Eta azkenik marxismoak proposatzen du gizakumeak bere lan indarra saltzen dionean salneurri baten truke klase burgesari, klase honek ez diola egiazko truke balioa ematen baizik eta beti ere diferentzia bat (gainbalioa edo plusbalioa, surplus value , Mehrwert ) eskuratzen duela. Azken batean kapitalismoaren joera gainbalio hori gehitzea litzateke, kapitalismoaren azken forma kapitalismo finantziala izanik (dirua bera saldu eta erosiz gainbalioa metatzen duena). Hala, erabilera balioa desagertu egiten da kapitalismoaren historiatik marxismoan. Gilles Deleuze eta Felix Guattari lirateke seguruenik kapitalismoaren ulerkera ortodoxo hori gehien kritikatu dutenak eta beste eredu bat ematen saiatu direnak 1980ko hamarkadan.
"Kapitalismoa etengabeko berlurraldetze joko batean dago. Hala, gure diferentzia historikoek kapitalismoa gainditzen dute: kapitalismoak ezin du giza diferentzia menderatu, metatu eta azken batean erabat esplotatu. Ez dago beraz progresuzko azken momentu bat non proletalgo global batek burgesia globala eraitsiko duen. Kapitalismoa mugatua eta itsua da, eta beti ere giza diferentziaren eraketari segitzen dio eta diferentzia honekiko bere burua berregituratzen eta berlurraldetzen"
Eredu deleuziar-guattariarraren arabera, kapitalismoa ez da truke balioaren gainean eratzen baizik eta erabilera balioaren arabera. Izan ere, kapitalismoak ez du norantzarik eta jomugarik: krisizko edo katastrofezko mugimenduan hedatzen da –ez dago amaiera iraultzaile hegeliarrik–. Beti ere kanpotik edo lehenalditik datozen ihardun aktiboak, objektuak eta balioak erabili eta abandonatzeko joera du (turismoa, hirietako zona jentrifikatuak, nekazaritza organikoaren industrializazioa, Game of Thronesen oinarri mediebalista, moda gehienak…). Kapitalismoa etengabeko berterritorializazio joko batean dago. Hala, gure diferentzia historikoek kapitalismoa gainditzen dute: kapitalismoak ezin du giza diferentzia menderatu, metatu eta azken batean erabat esplotatu. Ez dago beraz progresuzko azken momentu bat non proletalgo global batek burgesia globala eraitsiko duen. Kapitalismoa mugatua eta itsua da, eta beti ere giza diferentziaren eraketari segitzen dio eta diferentzia honekiko bere burua berregituratzen eta berlurraldetzen ( reterritorialisation ).
Hala Deleuzeren eta Guattariren proposamena diferentzia horiek areagotzea da, eta diferentzia horien desira eta gozamena areagotzea, kapitalismoa desegin edo disolbatu arte, hots diferentzia horiek kapitalismoa gaindi dezaten arte. Hots, filosofo hauen arabera kapitalismoari ezin zaio kontra egin –edo iraultzaren bidez kapitalismoa eraitsi– baizik eta bere logika areagotu egin behar da, areagotze horretan kapitalismoak kapitalista izaten uzten dion arte. Proposamenak egun oso utopikoa eta are ez oso errealista dirudi, egungo kapitalismoaren indarra eta eragina kontutan hartzen badugu. Alabaina gure historia anitz eta diferentea gozatzeko jardunean ezartzen du proposamen honek politika ororen abiapuntua eta, maila horretan, egungo euskal politikaren egoerari erantzuten dio, oso teorikoki bada ere. Azken batean sozialdemokraziaren proiektu zaharkituari adabakiak jartzen segitzeko politika porrotatutik haratago jotzeko aukera ematen digu. Proposamen honek zer itxura berezi har dezakeen globalizazioan, laster aterako den nire liburu berrian esplikatzen saiatu naiz: Globalizazioak eta Erdi Aro Berria (2017).
Independentzia ez subordinatua: ezkerraren muga sozialdemokrata
"Hobeto bizitzearen" ideologia independentista erdi-neoliberalak ez du gerorik, ezta sozialdemokraziaren proiektua adabakitzea helburutzat duen ideologia ezkertiarrak. Are, euskal estatu buruaski batera ailegaturik, neoliberalismoaren eta kapitalismo globalaren indarrari aurre egiteko proposamen bat ez duen independentzia proiektu batek neoliberalismoak irentsita amaituko du (ikus Grezia eta Syriza). Gure historia enoratzen duen independentzia prozesu batek estatu itxuraz liberal baina azken batean autoritarioa eman diezaguke (edo gerra zibila). Pentsamendu historikoago, diferentzialago eta libidinalago bat jarri behar dugu martxan. Bestela independentzia subordinatu bat izaten amaituko dugu. Espero dut, ideia hauek garatuta, aurrerago beste liburu bat ateratzea: Euskal ideologia: nazio etnikoa eta postnazionalismoa. | news |
argia-f1a5a3cfd348 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/euskal-instituzioa.html | Euskal Kosta-Aturri hirigunea gotorleku bihurtu dute Herri Elkargoaren aurkakoek | Mikel Asurmendi | 2016-04-24 | Euskal Kosta-Aturri hirigunea gotorleku bihurtu dute Herri Elkargoaren aurkakoek
Ipar Euskal Herriko lurralde instituzio politikoa eginbidean dago. Martxoaz geroztik, egunez egun, Herri Elkargo bakarraren proposamena bozkatzen ari dira herriko etxeetan. Berau onartzeko, gutxienez, herri guztien erdiek –158tik 79k– alde bozkatu behar dute. Halaber, alde bozkatzen duten herriek biztanleria osoaren erdia –295.993 biztanletik 147.997– ordezkatu behar dute. Euskal Kosta-Aturriko herriko etxeek munta handia dute, beren boz kopuruengatik eta hirigune eraginkorrena delako. Baionako Herriko Etxeak baietz bozkatu du, Bidartek, Miarritzek eta Angeluk ezetz.
Euskal instituzioa eratzeko eztabaida urte berrian abiatu zen. Herriko Etxeak Herri Elkargoaren "alde"edo "aurka" bozkatzen ari dira astez aste. Pirinio Atlantikoetako CDCIk (Herriarteko Lankidetzarako Departamendu Batzordea/ HLDB) kudeatzen du ekimena. Alabaina, herriko etxeen emaitzak bildu ondoren, Pirinio Atlantikoak departamenduko prefetak (Pierre-André Durand) emanen dio segida ekimenari.
Auzapezen eta hautetsien arteko lehen diferentziak urtarrilean agertu ziren. Adibidez, Lukuze herriko Barthelemy Aguerre hautetsi zentristak (Modem) Amikuze eskualdea Biarnorekin elkartzea proposatu zuen. Proposamena ez zen onartua izan.
Metropoli hirigune-poloa
Otsailean, Herri Elkargo bakarraren kontrakoek Metropoli hirigune-poloa aurkeztu zuten. Euskal Kosta-Aturri Hirigunea (EKAH) osatzen duten Baiona, Miarritze, Angelu, Bokale eta Bidarteko hainbat auzapez Herri Elkargo bakarraren aurka dira. 158 herriak erakunde bakar batean (HELEP) bildu ordez, egungo hamar herri elkargoen egiturak egokitzea eta Metropoli bat (MPA) sortzea proposatzen dute. Horien helburua ere, Euskal Herria, Biarno eta Landak lotzea da. Arestian aipatutako Barthelemy Aguerrek ez du amore eman nahi eta Baigorriko auzapez ohi Jean Baptiste Lambertekin bildu zen Donapaleun: 17 auzapez elkargo bakarraren kontra agertu ziren. Euskal Herria defendatzen omen dute, baina HELEP hori handia eta nahasia dela diote: "Erakundearen izaera neurtzeko xehetasunak eskas ditugu", argudiatu zuten.
Batera plataforma
Batera Karabana desmartxaren balorazioa egin zuten antolatzaileek martxoaren hasieran. 146 herrietatik pasa zen karabana. Herritarren harrera ona azpimarratu zuten. Elkargo bakarraren aurkariei "nahasmena" sortu izana leporatu zien.
Martxo erdialdean, Angeluko auzapez Claude Olive Euskal Kosta-Aturri Hiriguneko presidente izendatu zuten. Baionako auzapez Jean-René Etchegarayren kargua hartu zuen. Etchegarayk otsailean aurkeztu zuen dimisioa. Arrazoia, besteak beste, Miarritze, Angelu, Bokale eta Bidarteko auzapezek haren kontrako frentea osatu izana.
Baionako Herriko Etxeak bai
Martxoaren 19an, udaberriaren atarian, 200 hautetsi bildu ziren Kanbon. Elkargoari buruzko xehetasunez eztabaidatu zuten. Proposamenak aitzina egiteko bi baldintza bete behar ditu: biztanleriaren erdia ordezkatzen duten herriak alde egotea, eta herrien erdiak ere bai. Martxoaren 24an, Baiona hiriburua elkargo bakarraren alde agertu zen: 43 hautetsietatik 28k alde. Aste batean, 75.000 biztanleek aldeko jarrera eman zuten. Aste horretan ere, tentsioa areagotu zen Euskal Kosta-Aturri Hirigunean. Iparraldeko Hirigune nagusiko herriko etxeak gobernatzen dituzten hamabost hautetsi –aurka dauden auzapezen gobernuetan daude– elkargo bakarraren alde agertu ziren: "Kostaldeak ezin dio Euskal Herriari bizkarra eman", adierazi zuten.
Miarritzek ez bozkatu du
Apirilaren 1ean Donibane Lohizunek (14.332 biztanle) bai erran zuen. Bidartek kontra bozkatu zuen (6.566 biztanle). Espero zen bezala, Miarritzeko 22 hautetsi aurka paratu ziren eta 13 alde. Miarritzeko Herriko Etxearen ezezko jarrera arazoan aurreikusi zen (zenbait udalerrik kontsultazko boza eman zuten orduan), bozketa beraz ez zen ustekabekoa izan. Elkargo bakarraren aldekoek diotenez, Miarritzeko ezezkoak ez du herri elkargoaren aldeko joera baldintzatuko. Alta bada, ezezkoen aldekoak estrategia gogorra ari dira lantzen. Esaterako, Miarritzen, bozketa sekretupean egin zuten: 22 boz aurka eta hamahiru alde. Aldiz, beste molde bateko adibidea da Baionako bozketan ikusia: Jean-René Etchegaray auzapezak ez zuen parte hartu izan erabakitzeko eztabaidan. Michel Veunac auzapez miarriztarrak ordea, elkargo bakarraren kontrako alegatua egin zuen. Durand prefetak proposatutako proiektua "txarra" dela erran zuen Veunacek. Bera lurralde elkargoaren alde dagoela, erran zuen. Auzapez miarriztarrak prozedura salatu zuen: "Lantzen ari den prozedura Frantziako Gobernuak elkargo bakarrari ezetza emateko 'jukutria' da". Proiektu honentzako herritarren agindurik ez dutela entzun, argudiatu zuen bestalde.
Ildo beretik, François Amigorena Miarritz gobernatzen duen talde nagusiko hautetsiak, proiektuari "demokrazia eskasa" egotzi zion. Beste arrazoi bat ere azaldu zuen "EKAHk ordezkapen arras apala izanen du". Oro har, EKAHren aurka daudenek Lurralde elkargoaren aldeko kanpainan parte hartu dutela diote. Baina, proiektua lantzeko tailerretan garatzen ari den prozedura ez omen dutela garbi ikusi. Adibidez, zerga sisteman arazoak izanen direla diote, xehetasun guztiak ez omen dira argiki emanak.
Les Républicans alderdiko Max Brissonen taldeko Maider Arostegi hautetsiak, elkargoaren aldekoak, horrela erantzun zion: "Tailerretan landu diren gaiak aurreikusitako lege aldaketan oinarritzen dira, eta xehetasunez aztertu dira". Arostegik gezurtatu zuen prefetak eta legeak herri elkargo bakarra gauzatzea galaraziko dutenik.
Max Brissonek honela berretsi zuen aldekoen argudioa: "Hazparneko tailerretan planteatuko galdera gehienei arrapostu baikorra eman zitzaien. Elkargoa eraikitzeko jarduera politikoan sakondu behar da. Elkargo bakarra sortu ondoren ere, galdera berriak sortuko ditugu eta horiei erantzunen diegu. Michel Veunacek gehiengoa duen gobernuko kide Guillaume Barucq ere alde mintzatu zen. Ordea, hautetsi horrek iragan azaroko jarrera aldatu zuen: "Gure taldekook duda anitz genuen. Horregatik abstenitu ginen. Hazparneko tailerretan jaso ditugun arrapostuen ondoren, beste iritzi bat daukagu: "Miarritzek alde edo kontra egin, hirigune elkargo bakarra sortuko da. Ba ote du zentzurik elkarren aurka etengabe egoteak?". Euskaraz amaitu zuen hitzartzea: "Euskal Herri Elkargoari bai!".
Angelu ere aurka
Angelun lurralde elkargoaren kontra bozkatu dute hautetsi gehienek, uste eta espero bezala hemen ere. Bosgarren herria da jarrera hori hartzen. Egiari zor, Miarritze eta Angelu Ipar Euskal Herriko bi hiri handienetakoak dira, hartara, ezezkoak nabarmen egin du goiti apirilaren hasieran.
Miarritzeren antzera, Angelun 35 hautetsik egin dute Herri Elkargo bakarraren aurka, eta hiruk soilik alde. Hautetsi bakarrak zuri bozkatu du. Bozak eman aurretik gaia eztabaidatu zen, eta Claude Olive auzapeza irmo agertu zen elkargo bakarraren aurka. Besteak beste, honako argudioak azaldu zituen: "Elkargo bakarraren proposamenean irizpide demografikoak ez dira aintzat hartu izan". Halaber, federazio baten aukera lehenesten duela esan zuen Olivek, "Metropoli poloa, adibidez".
Angelu Herriko Etxeak irailean aurre-bozketa egin zuen, kontsultazkoa. Olive auzapezak oraingo honetan agertu duen jarrera tinkoak orduan baino boz gehiago bildu du Herri Elkargoaren aurka. Sandrine Derville, Sylvie Laplace eta Jean-Louis Dulace hautetsiek eman zituzten elkargo bakarraren aldeko boto bakarrak. Olive Euskal Kosta-Aturri Hiriguneko presidente izendatu ondoren, kanpaina gogorrean ari da elkargo bakarraren aurka: "Proiektu bat abian jartzeko, promesa faltsu eta demagogiarik erabiltzen ez duen hautetsi izan nahi dut", adierazi zuen.
Bozketak herriz herri jarraitzen du
Konparazionerako, Montorik (Zuberoa) eta Landibarrek (Baxenabarre) ezetz bozkatu dute. Haatik, aurkako bozak ez dira baiezkoaren gainetik jarri. Aldekoak. Arbona, Heleta, Ezpeze-Ürdürein, Mendibe, Lekorne, Duzunaritz eta Ainharbe herriak herri elkargoaren aldekoak dira. Baiezkoaren aldekoak, besteren artean.
Bozketetan ezuste handirik ez da izan, oro har, baina izan da aldaketaren bat edo beste. Lapurdiko Getariak, esate baterako, udazkeneko bozketan kontrako iritzia eman zuen, udaberrian, aldiz, emaitza aldekoa izan da modu nabarian: hamabost hautetsietatik hamabik egin dute HELEP bakarraren alde, bik bakarrik aurka. Aldeko botoa ematen duten herrien artean, gainera, aho batez bozkatu duten herriak izan dira, ez biztanle gutxikoak gainera. Hala nola, Hendaia, Senpere, Ezpeleta, Hiriburu eta Saran egin dute hautetsi guztiek elkargoaren alde. Lapurdiko herriak horiek guztiak. Hala eta guztiz ere, udazkenean baino aurkako boz gehiago eman duen herririk ere izan da. Bidarte da horietako bat. Euskal Kosta-Aturriko (EKAH) hiriguneko partaidea hain zuzen ere. Eta emaitza argia izan da: aurkako 20 boz, aldeko zortzi eta abstentzio bat. Orain arte, aldeko boza aldatu duen herri handi bakarra da. Beste bi herritan ere horixe gertatu da, Etxebarren (Zuberoa) eta Irulegin (Baxenabarre). Nolanahi ere den, hautetsien kopuru orokorrak ez du garrantzirik zenbaketan. Baiezkoa edo ezezkoa ateratzen den hartzen da aintzat.
Baiezkoa oraingoz nagusi
Martxoaren erdiaz geroztik ari dira ematen herriko etxeetako bozketak. Emaitzetan joera orokorra antzeman da orainokoan. Bozkatu dutenen gehiengoa HELEPren alde agertu da, baiezko nagusia, herrien kopuruari zein biztanleriari dagokionean. Apirilaren erdialdean, 43 herri ziren elkargoaren aldekoak, eta 9 aurkakoak. Baiezkoek ordezkatzen duten biztanleriaren kopurua 135.132 zen. Herri Elkargoak gero eta hurbilago dauka helburua: baiezkoa lortu ahal izateko, gutxienez 147.967 biztanle ordezkatzen dituzten herriek eman behar diote oniritzia proiektuari.
Ipar Euskal Herriko elkargoaren aldeko eta aurkako bozketen mapa osatuz doa egunez egun: Lapurdiko Lehuntze, Makea, Arbona, Larresoro, Beskoitze eta Haltsu. Nafarroa Behereko Aiziritze, Azkarate, Baigorri, Arberatze, Donapaleu eta Bastida eta Behaskane. Zuberoko Berrogaine-Larüntze eta beste askok boza emanen dute apirila amaitu orduko. Arberatze, Bastida eta Haltsu izan dira, apirilaren 14an, azken herriak bozkatzen: hirurek alde eman dute. Herriko etxe bakoitzak bozkatze eguna erabakitzen du. Maiatza amaitu arteko epea dute, baina Herri Elkargoa onartzeko behar diren emaitzak lehenago ezagutuko dira. Hots, 147.997 herritar eta 79 herri kopurua gainditutakoan.
Batera plataformako eledun Nikolas Blainen aburuz, HELEPren aurkakoak "desinformazio kanpaina maltzurra egiten ari dira". Alta bada, Herri Elkargoaren aldeko bozak nagusituko direla dio Blainek: "Iragan udazkenean alde bozkatu zutenek ez dute aurka bozkatzeko arrazoirik". Egiari zor, alderantzizko jarrerak ere izan dira. Orduan aurka bozkatu zuten zenbaitek alde bozkatu dute orain. Ipar Euskal Herria historiako bihurgune politiko garrantzitsuan murgilduta dago. Euskal instituzioa subjektu bizi-bizia da uneon. Eguneroko gaia solastoki politikoetan. | news |
argia-4594577612c8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/biblia-bortitzagoa-da-korana-baino.html | Biblia bortitzagoa da Korana baino | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-04-24 | Biblia bortitzagoa da Korana baino
Tom Anderson software ingeniariak Biblia eta Korana aztertu ditu berak garatutako Odin Text testuak analizatzeko softwarearen bidez. Indarkeria eta ankerkeria bietako zeinetan diren nabarmenagoak jakin nahi zuen Andersonek eta emaitzak dio Bibliak Koranari irabazten diola zentzu horretan. Anger (haserrea, amorrua) askoz maizago agertzen da Biblian eta trust (konfiantza), aldiz, ohikoagoa da Koranean. Informatikariak Itun Zahar eta Berriaren nazioarteko bertsio berriak eta Koranaren 1957ko ingelesezko itzulpen bat erabili ditu ikerketarako. Emaitza beharbada zehatzagoa litzateke arabierazko jatorrizkoa aztertu izan balu, baina, behintzat, ez du Kettonen itzulpena erabili. | news |
argia-52893ee4a28e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/zer-jan-halako-baztan.html | Udaletik ere elikadura eta nekazaritza eredua lantzen | Garazi Zabaleta | 2016-04-24 | Udaletik ere elikadura eta nekazaritza eredua lantzen
"Maiz badira gauzak herritarren eskuetatik urrun daudenak edo aldatzeko zailak direnak. Baina badira bertze gauza batzuk herritarren eskurago daudenak: horietan eraginez tokiko errealitateak alda ditzakegu". Joseba Otondo Bikondoa Baztango alkatearen lehen hitzak izan dira Zer jan, halako Baztan ekimenaz galdetu diogunean.
Tokiko elikagaiak kontsumitzearen garrantziaz Baztango herritarrak kontzientziatzeko helburuarekin abiatu du dinamika Udalak. Bi hilabetero etxeetara bidaliko diren esku-orriekin hasi dute bidea: ale bakoitzean tokiko produktu baten gaineko informazioa eskainiko da nola egiten den azalduz, produktu horrek alor askotan duen balioari garrantzia emanez eta errezeta originalak proposatuz. Lehen esku-orrian ardi esnea landu da: artzaintzari buruzko informazioa eman eta lan horrek paisaiaren zainketan duen balioa azpimarratu dute bertan.
Elikadura eta nekazaritza uztartuta
Udalak duela hilabete gutxi jarri zuen abian Baztango zaporeak ekimena ere: tokiko ekoizle eraldatzaileak dira protagonistak, eta elkarlanaren bidez beren proiektuak garatzea da helburua. "Urteetan Europako nekazaritza politikek agroindustriaren eta banatzaile handien interesak bultzatu dituzte, gure bailaretako nekazaritza txikia erraustuz", dio Otondok. Horri buelta emateko beharrezko izanen dira ekoizle txikien arteko elkarlana eta batasuna, haren ustez.
"Tokikoa kontsumitzea da tokiko bizitza bizirik mantentzea"
Herritik asko egin daitekeela argi du Otondok, eta norabide horretan doaz jada martxan dituzten ildoak: 1) lurren erabileraren ingurukoa, 2) produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 3) herritarren kontzientzia piztea, 4) formakuntza eta 5) ustiategien transmisioa familiatik kanpo. Aurrera begira, martxan dauden ideia eta ildo horiek egituratu eta Baztanen nekazaritzaren eta elikaduraren kontseilu moduko bat sortzea dute helburu. Baztango zaporeak egitasmoaren aurkezpenean zioten bezala, "pausoz pauso, ttikitik handira". | news |
argia-918506acbfa8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/eduardo-apodaka-zeratzen-gaituen-zera.html | "Gure dantzak, gure ohiturak, gure ikurri�a... Hori porno identitarioa egitea da" | Arantza Santesteban | 2016-04-24 | "Gure dantzak, gure ohiturak, gure ikurri�a... Hori porno identitarioa egitea da"
Euskal Herrian badago ezberdina den zerbait, esan ezinezko zer edo zer, diferente egiten gaituena. Sarritan entzun dugu halakorik, baina "zera" hori zehazki zer den azaltzen jakin gabe. Eduardo Apodaka izan da mahukak jaso eta zehaztapen bila hasi den bakarretakoa. 2015ean argitara emandako Identitatea eta anomalia liburua da emaitza.
Definitu daiteke identitatea azalpen konplikatuegia eman gabe?
Ez da erraza definizio bakarra ematea; izan ere, milaka daude soziologian, psikologian, politikan, kalean… Dena dela, nire ustez, ez daude elkarrengandik hain urrun. Identitate terminoari ematen diodan erabilerak ikuspegi psikosoziala du oinarri: besteentzat zer garen, eta besteentzat garen neurrian, gure buruentzat ere zer garen. Besteekiko identiko duguna da identitatea eta era berean, besteengandik ezberdintzen gaituena. Bizi dugun gizarte egituraren barruan ematen den joko bat da, nire ustez.
Esango nuke gaur egun ez dela oso ondo baloratua identikoa izatea.
Modernitatearekin sortu ziren nazio-estatuetatik gatoz. Sistema horiek sortu zirenean politika guztiek izaera orohartzailea zuten, hori zen joera nagusia: sistema osoak eta berdintzaileak sortzea. Gaur egun ordea, gauzak aldatu egin dira. Gaur egungo sistemek diferentzia eta aniztasuna behar dute bere muinean; diferentzia eraikitzeak kontsumoa ahalbidetzen du, bere barne logika identitatearen inguruan eraikitzen delako. Horregatik gaur egun demokrazia benetakoa izan dadin, kolorea behar du, diferentzia bildu behar du.
Jadanik ez dira baztertzen identikoak ez direnak?
Garai batean –modernitatean– diferenteak zirenak kanporatuak izaten ziren sistematikoki; afrikarrak, sorginak… Gaur egun diferentzia horietako batzuk sistemaren barruan eroso egon daitezen bilatzen da. Adibidez, Ocho apellidos vascos (Zortzi abizen euskaldun) filmean euskaldunaren diferentzia ikusten dugu. Ezberdintasun horiek barregarriak dira, ondo mugatuta daude, ez dira gatazkatsuak… Integratu egiten dira. Homosexualitatearekin antzeko zerbait gertatzen da, diferentziatik integraziora igarotzeko ahalegin handia egiten du sistemak.
Halere, zuk anomaliaz hitz egiten duzu. Hori al da integratzen ez den diferentzia?
Hala da. Aipatu dizudan azken adibide horrekin lotuta queer teoria daukagu. Nire ustez, diferentzia hori mantentzeko saiakera da: queer teoria anomalia izaten jarraitzeko ahalegina da. Identitate hegemonikoari "ni ez naiz zu bezalakoa" esateko etengabeko ariketa.
Euskal Herrira ekarrita, Euskal Zera?
Bai. Euskal Zera deitu diot nire ustetan euskal anomalia den horri. Zera hori definiezina da, beti zabalik dagoena eta beti definitzen ari garena, inoiz bukatzen ez den ariketa. Horrexegatik esaten dut Euskal Zera ez dela berez identitate bat; izatekotan, sistema horren barruan dagoen diferentzia edo anomalia dela. Zergatik? Oraindik ez garelako sistema oso bat. Queer teoriaren logika berbera ematen da gurean, jakina, ez hain modu erradikalean, baina funtsean guk identitateari esaten diogu: anomaloa naiz, baina era berean zure parekoa naiz. Ni neu ere sistema oso bat naiz; menderatua, baztertua, zatikatua baina nire buruari ematen diodan ontologia identitatearena da, hain zuzen ere.
Pornoa eta post-pornoa erabili dituzu esandakoa ondo azaltzeko.
Pornoa diferentzia azaltzeko erabiltzen dut: gure dantzak, gure ohiturak, gure ikurriña… Horrekin identitate nagusiaren beste osagarri bat bihurtzen gara, hori porno identitarioa da nire ustetan. Baina esaten dugunean: gu ez gara hori bakarrik, beste hau gara eta zu bezain identitate gara. Hori, post-pornoa egitea da, niretzat. Post-pornoko praktika sexualak porno konbentzionaletik ihesi dabiltza, baina era berean marko bat dute, sistema bat sortzen dute, eta horrela auzitan jartzen dute pornografia ofiziala. Hori da nire ustez Euskal Zera-rekin gertatzen dena.
Euskal estatua praktika post-porno hori eraikitzeko bidea izan daiteke?
Bai, nik estatuaren beharra hor kokatzen dut. Eta ez diot estatuaren aldekoa naizenik, izan ere, estatua ez baita elkarrekin bizitzeko dugun ezinbesteko tresna. Une honetan ordea, tresna baliagarria izan daiteke. Halere, ez du zertan jende guztiarentzat berdina izan, muinean azaldu behar duzu zertarako nahi duzun estatua. Askotan pentsatzen den bezala, ez da kantabriarrak edo galegoak baino hobeak garelako, hori argudio arrazista da. Guk estatu bat nahi dugu diferenteak garelako, singulartasun bat eraiki dugulako historian eta etengabean gure burua asmatu dezagun egitura politiko bat behar dugulako.
Zertan jartzen du euskal anomaliak arriskuan identitate hegemonikoa?
Anomalien bertute nagusia identitatea biluzteko duten ahalmena da. Anomaliek identitatea interpelatzen dute: zu ere kontu historiko bat zara, ez zara berezkoa, historian modu bortitz batean sortu zara, asmakuntza zara, menderakuntza harreman baten ondorio zara... Eta gu horren ondorioz anomalia bat gara eta ez gaude ados tokatu zaigun tokiarekin. Modu horretan uzten dugu agerian identitate hegemonikoaren izaera. Bestalde, anomalia izatea ez da erraza, oso gogorra da eta askotan egon behar dugu diferentzian atseden hartzen. | news |
argia-08f4baf31716 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/artxibo-sortzaileak.html | Artxibo sortzaileak | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2016-04-24 | Artxibo sortzaileak
Zerbait artxibatzen dugunean, inkontzienteki bada ere, materia hiltzat jotzen dugu: pasa da, klasifikatuta dago, behar den tokian gordea eta izendatua. Baina artxiboak sorkuntzarako tresna ere izan daitezke. Iraganeko materiala berrerabiliz, oraina beste modu batera pentsatzen lagun dezakete. Artxiboa modu dinamiko horretan ulertzeak batzen ditu Tabakalerak inauguratu dituen bi erakusketa berriak.
Tabakalerarekin gertatzen ari da eraikinaz, irekitzen ari diren espazioez, erakunde publikoez eta antzeko kontuez gehiegi hitz egiten ari garela eta gutxitxo, aldiz, espazio horretan antolatzen ari diren zenbait gauzari buruz. Erakusketak, adibidez: joan den irailean Ikus-entzunezkoaren aldiriak exigentearekin abiatu zuen ibilbidea, asmo-deklarazio bat zentroaren proiektu kulturalak buruan daukan ildoa ezagutzen hasteko. Baina inaugurazioaren metrailapean, ez zuen bide errazik aurkitu. Zorte hobea izango al dute joan den ostiralean inauguratutako biek. Lantzen dituzten gaiek eta proposatzen dituzten gogoetek behintzat, arreta deitzen dute.
Anarchivo SIDA da aurrenekoa: Equipo re-k (Aimar Arriola, Nancy Garín eta Linda Valdés) komisionatutako erakusketa da eta apirilaren 15etik ekainaren 26ra ikusi daiteke. Hiru urteko lanaren emaitza da. Tarte horretan, HIESak ekoizpen kulturalean izan duen inpaktua aztertu dute, fokua Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan jarriz, baita Latinoamerikan ere.
Erakusketaren tituluak adierazten duen moduan, "kontra-artxibo" moduko bat da. Antolatzaileen ustez, HIESaren inpaktu kulturala asko aztertu da azken urteetan, baina AEBetako eta ipar-erdialdeko Europako iruditeria nagusitu da. Alde horretatik, erakusketak iraganaren bestelako lekukotza eskaintzea baino, "oraina berridazteko aukera" eskaini gura du. Eta hori lortzeko, erakusketarekin lotuta jarduera paralelo ugari antolatu dute, HIESduna nola izendatzen den eztabaidatzetik hasi, eta inguruko botere-harremanak zalantzan jartzera bideratutako hitzaldi, tailer eta performanceekin.
Independentziaren biharamunean
The day after du izena Tabakaleran joan den astetik bisitatu daitekeen beste erakusketak. Maryam Jafri artista pakistandarraren lanak ere artxiboa du abiapuntu, baina kasu honetan hurbilpena oso bestelakoa da. Independence Day 1934-1975 obratik abiatu da proiektu honetarako: lurralde bat nazio independente bihurtu osteko lehen 24 orduak dira ardatza eta erakutsi nahi da nola Mendebaldeko estatuaren eredua mundu osora esportatu izanaren ondorioz, leku gehienetan horrelako prozesuek irudi berdinak erreproduzitzen dituzten.
Baina abiapuntu horretatik harago doa Jafri The day after- en, kontakizun estandarizatu horietako arrakalen bila. Gainera, erakusketak irudien jabetzaren auzia ere mahai gainean jartzen du: Independence Day 1934-1975 osatzeko egindako ikerketan artista konturatu zen nazioarteko argazki-agentziek zabaltzen dituzten irudi asko herrialde berrietako gobernuek emandakoak zirela. Agentziek beren funtsaren partetzat baldin badauzkate, agentzia horiek baldin badira munduan hedatzen dituztenak, norenak dira irudi horiek?
Independentziaz hainbeste hitz egiten ari garen garaiotan, emango du nondik heldua seguru. | news |
argia-a38162fbbd4f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/saadet-becerikli-hdp-alderdi-kurduko-parlamentaria.html | "Aurrekoetan baino askoz ere basatiagoa da Turkiako Estatuaren jarrera Kurdistanen egun" | Asier Lauzurika | 2016-04-24 | "Aurrekoetan baino askoz ere basatiagoa da Turkiako Estatuaren jarrera Kurdistanen egun"
Newroz eguna da eta Batman hiriko kaleak poliziaz gainezka daude. Turkiako Gobernuak ekitaldi gehienak debekatu dituen arren, sua piztu eta kurduak musika iraultzailearen erritmoan ari dira dantzan. Gasolindegiko tabernan eseri gara Beceriklirekin lasaiago hitz egiteko, nahiz eta behin eta berriz eten behar izan dugun, Turkiako polizia tanketekin sua itzaltzera azaldu denean. Istiluak polizia eta herritarren artean. Poliziak joan diren unean, sua piztu dute berriro.
Zein da HDPren estrategia politikoa?
Gatazka modu demokratiko eta baketsuan gainditu nahi genuke. Hori hala izan dadin lan egingo dugu, herriak jarduera honekin bat egin dezan lanean jarraituko dugu.
Era berean, Turkiako Estatuari behin eta berriz esango diogu bide horri ekin diezaiola. Bere guda estrategiak elkarrizketa mahaien suntsitzea ekarri du, baina ez dugu etsiko elkarrizketaren bidea berreskura dadin duela hiru urte bezala, ez da berandu horretarako. Oçalanek elkarrizketa mahai horretan behar luke berriro ere, hura bertatik baztertu izan ez balitz ez geundeke egungo egoera krudel eta basati honetan.
Bake prozesua hautsi eta gerra estrategiari berriro ere ekin izanak ez dakar ezer onik ez kurduontzat, ezta turkiarrentzat ere. Pertsona batek boterea galtzeko duen beldurrari erantzuten dio guzti honek.
Zein da egoera Kurdistanen? Zer nolako garrantzia du Newrozek halako testuinguruan?
Ekainaren 17ko hauteskundeen ostean, Turkian agintean den AKPk estrategia aldatu zuen herri kurduaren kontra. Aurrekoetan baino askoz ere basatiagoa da Estatuaren jarrera egun. Honen aurrean, gazteriaren indarrean oinarrituta, erasoen aurrean autodefentsari ekin zion herri kurduak. Komunikazio guztiak moztuta dauden arren, badakigu Sur, Cizre, Nusaybin eta Yuksekovan autodefentsan ari direla.
40 urtez dirau herri kurduak zapalkuntza saiakera guztien aurrean dagozkion bere eskubideen defentsan, bere hizkuntzaren alde, bere identitatearen alde, bere kulturaren alde… Newroz erresistentzia hori egin eta jarraitzeko egun garrantzitsua da.
Errepresioa ere ez da nolanahikoa.
Ez dugu ahaztu behar Newroz ospatzeak berak turkiar estatuaren partetik herri honi ekarri dion erantzun basatia. 1992an Cizreko Newroz ospakizunean Estatuak 100 pertsona baino gehiago erail zituen esate baterako.
"Oçalanek elkarrizketa mahai horretan behar luke berriro ere, hura bertatik baztertu izan ez balitz ez geundeke egungo egoera krudel eta basati honetan"
Newrozak herri kurduaren indarra erakusten du eta honengatik debekatzen dute ospakizuna, ez dadin indar hori erakutsi. Gainera ez da lehen aldia Estatuaren debekua jasotzen duguna, duela hilabete inguru Demirtas, gure alderdiko lehendakarikideak bake eta demokraziaren aldeko topaketak antolatu zituen, eta Estatuak debekatu egin zituen. Era berean, duela gutxi Demirtasen hitzartze publikoa antolatu genuen milaka pertsona bildu zituen manifestazio batekin, eta hura ere debekatu zuten. Ez digute utzi nahi gure indarra erakusten, ez digute utzi nahi kalean gure batasuna adieraz dezagun, beldurra digute.
Gerra estrategia honek pertsona bakarraren behar eta nahiei erantzuten die, bere interes pertsonalak gainjartzen zaizkio prozesu politiko orokorrari. Honek ezinbestean egoera eta konponbidea zaildu baino ez ditu egiten.
Europari dagokionez, batetik Estatu eta gobernuen isiltasuna dago eta bestetik milaka herritarrek erakusten duten elkartasuna. Nola bizi duzue egoera?
90eko hamarkadan Turkiako Estatuak herri kurduaren kontrako sarraskia burutu zuenean, Europako jendea hona etorri zen testigantza jaso eta Giza Eskubideen Auzitegira eramateko. Gaur egun, ordea, gogorra da ikustea nola isiltzen diren gertatzen ari denaren aurrean. Adibidez, Cizren 100 pertsona baino gehiago bizirik erre dituzte, Turkiako armadaren erasoetatik babestu asmoz haien etxeetako sotoetan ezkutatuta zeuden. Europako Gobernuak isilik daude. Egunero erabiltzen du negarra eragiteko gasa poliziak herritarren kontra eta Europako gobernuek txintik ez. Une honetan, 100 egun baino gehiagoz, herritarrak Surren setioari eusten ari dira modu ausartean, nahiz eta armada eta polizia haiek akabatzen ari den gutxinaka. Europan ez du inork hitzik esaten egoera salatzeko.
Europar Batasunak Turkiarekin egindako itunak izango du zerikusirik.
"100 pertsona baino gehiago bizirik erre dituzte Cizren"
Noski baietz. Honen guztiaren atzean europar migrazio politika dago eta Turkiarekin egindako negozio zikina. Haien jarrerak salatu dudan egoera babesteko balio du. Hemendik dei egiten diegu europar agintariei jarrera hori albora dezaten, bestela Turkiako Gobernuaren sarraskiaren konplize bihurtzen baitira.
Guda hau amaitzeko lanean jarri behar lituzke Europak bere indarra, dirua eta esfortzuak. Siriako gudan nahasteari utzi eta bake bidean indarrak jarri. Konturatu behar dute, haientzat hain deserosoa den siriar errefuxiatuen egoera errepikatuko dela Turkian. Adibide bat jartzearren, Diyarbakirren etxea galdu eta etengabeko mehatxua bizi duen familia batek ez du egoteko lekurik topatuko Turkian eta ondorioz Europara ihes egin beharko du. Europaren jarrerak, ekidin nahi duela dioen egoera larriagotu baino ez du egiten. Gure bake asmoekin bat egin behar lukete haiek ere eta Turkiar Gobernuari presio egin honekin bat egin dezan.
Zer esango zenieke Europako herritarrei?
Etor zaitezte gertatzen ari denaren lekuko izatera, eta hemen ikusi eta bizitakoa zuen herrietan kontatu eta salatu. Lagun gaitzazue! | news |
argia-7edc532a4809 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/andoni-olariaga-filosofoa.html | "Ezker abertzalean, jende bat mundurik gabe geratu da" | Sustrai Colina | 2016-04-24 | "Ezker abertzalean, jende bat mundurik gabe geratu da"
Zer gelditzen da hitzak nekatuta daudenean, kontzeptuak lurretik urruntzen diren lainoak direnean, bihotzak pentsatu eta buruak sentitzen duenean...?
IN-DE-PEN-DEN-TZI-A.
Orain arte abertzaletasuna gehiegi zentratu da motibazio irrazionaletan, historia puzteraino. Abertzaletasunaren azken korronteak, ordea, "independentzia zergatik eta zertarako?" galderari erantzuten ari dira, onura ekonomiko, sozial zein kulturalak mahai gainean jarriz. Tamalez, zergatiak besterik gabe lantzeak ez du bloke berririk sortuko, ez du jenderik mugiaraziko. Independentziaren beharra orain arte baino mamitsuago arrazoitzeaz gain, fidelitateak zerk sortzen dituen hausnartu behar genuke. Nola sortzen dira nazio pertenentziak? Fidelitate horiek lanketa arrazional bati esker mugitzen dute jendea? Aurrez aurre daukagun blokera iristeko modurik badugu? Ez diote alferrik Joseba Gabilondok eta Eduardo Apodakak lur hori goldatu behar dugula lehenbizi, gure nazioa berridatzi ideia horiek bidea egin dezaten.
Nola hasten da bidea?
Nazioa egunero eraikitzen eta desegiten den zerbait dela ulertuta. Zer da nazio eraikuntza? Egunero El Correo -k "pueblo" hitza erabiliz egiten duena. Esplizituki agertu ez arren, nazioa da proiektu, balio eta eskubide guztiak gauzatzeko aintzat hartzen den lehen baldintza. Podemosek ikuspegi soziala lehenesten duela dioenean, espainiar herritarrentzako lehenesten duela dio esan gabe. Nazioaren ulerkera aldagarri honek ez luke jendea beldurtu behar. Nazioa estatikotzat jota ez genuke borroka esparrurik edukiko. Aldagarritasunak egunerokoan kokatzen du guda-zelaia. El Club de la Comedia -rekin barrez lehertzen naizenean, garbi izan behar dut umoregile hori espainiar nazioa eraikitzen ari dela, darabiltzan erreferentzia sinbolikoek nire Espainiarekiko pertenentzia areagotzen dutela. Guk nahi ala ez, horrek eragina dauka gure izaeran. Esaterako, politika ulertzeko oso modu espainola daukagu. Ez dakigu kritika eraikitzailerik egiten, ados ez gauden lehendabiziko hitzean etxera joateko mehatxua jaurtitzen dugu. Hala, mugimendu geroz eta zabalago bat nahi badugu, diferentziak komunean dugunari eutsiz adierazten ikasi beharko dugu.
Balio digu besteak bezalako estatu bat izateak?
Normalak izateari beldurra diogu. Ez dugu normalak izan nahi. Erosoa da zure proiektu politikoa kontra eginez eraikitzea. Estaturik gabe ez daramazu estatuaren miseriarik bizkarrean. Horregatik, "Euskal Estatua feminista izango da edo ez da izango" ala "Euskal Estatua euskalduna izango da ala ez da izango" esatea edo ezer ez esatea gauza bera da niretzat. Dilema hori ez da existitzen. Estatua jendartearen indar korrelazioen isla izango da. Euskal Estatua gaur sortuko balitz kalean egunero ikusten dugun horixe izango litzateke. Ezin dira estatu egiturak zure jendartea baino askoz aurrerakoiagoak izan. Gaitz bat da jendartea oso konbentzionala dela ahanztea. Herriarentzako planak herria kontuan hartu gabe egiten dituen iraultzaile ilustratu asko dago. Gustatu ala ez, El Correo Español da hemengo egunkari irakurriena. Horrek laburbiltzen du hemengo sen ona.
"Euskal Estatua
gaur sortuko balitz kalean egunero ikusten dugun horixe izango litzateke. Ezin dira estatu egiturak zure jendartea baino askoz aurrerakoiagoak izan"
Horregatik eztabaidatzen dugu hainbeste independentziaz independentistekin eta hain gutxi independentzia ukatzen dutenekin?
Oraintxe bertan independentziaren aurkakoek, Podemosen eskutik, euskal jendartearentzat erakargarria izan daitekeen proiektu oso definitua daukate. Guk ez. Gu independentzia zergatik bai eta zergatik ez eztabaidatzen tematzen gara, baina noiz definituko dugu gure estatu eredua? Jendea erakarri nahi baduzu argi markatu behar duzu zure helburua. Oraingoz, ordea, horretarako baldintzak sortzen ari diren arren, ez dago estrategia independentistarik. Estrategia hori aldebakarrekoa izango bada, karta guztiak jokatu beharko ditugu bideak urratzeko eta erretzeko beldurrik gabe. Esaterako, taktikoki interesgarria izan daiteke alde bakarreko posizio batetik alde biko proposamenak egitea, estatuak onartuko ez dituela jakinik. Zure proposamenak zure jendartean zilegitasun osoa badu, berehala erakusten duzu Espainian legebiltzarrek muga handiak dituztela. Ezingo dugu goitik beherako estrategia independentista diseinatu baina unean uneko mugimenduei esker jendearen ikuspegia zizelkatu daiteke. Oraintxe bertan, gehiengo handi batek uste du, EAEn zein Nafarroan ondo bizi garela, ez dela aldaketarik behar, legebiltzarrek aski askatasun dutela. Hori da aldatu behar dena. Horrela soilik jarri daiteke zilegia legalaren gainetik. Denbora beharko da eta ezin dugu pentsatu denbora tarte horretan jendartea uneoro mobilizatuta mantendu dezakegunik. Mobilizazioak pikoa harrapatzen duenean emandako urratsa sendotzea da gakoa, atzeraezin bihurtzea. Gradualismoarekin ez goazela inora aurpegiratuko didate baina jendarteek horrela funtzionatzen dute.
Aldebakartasuna. Azken aldiko ezker abertzalearen hitz magikoa.
Oraindik ez dugu asmatu aldebakartasuna zertan datzan azaltzen. Horregatik, oraingoz, daukagun indarra mentala da estrategikoa baino gehiago. Jende batek aldebiko eskemaren betaurrekoekin jarraitzen duenez, ezker abertzalearen irakurketa kritiko guztiak estatuari egindako kontzesiotzat dauzka. Irakurketa horiek herriari begira aztertuz gero, ostera, bestelakoak dira analisiak eta epaiak. Askapen mugimenduak urteak eman ditu galdera batzuei erantzun nahian, eta erantzunak bazituela uste zuenean, galderak aldatu dira. Naturala da 60ko hamarkadako zutabe ideologiko zenbait iraungita egotea. Nola eraikitzen eta deseraikitzen dira nazioak? Non sortzen da jendearen sen ona? Zein indar daukate komunikabideek? Horiek dira erantzun beharreko galderak, orain arte ezkerrak eztabaida ideologikoak beste plano batean kokatzen zirela uste izan badu ere. Podemosek argi frogatu du arrazoia baino zerbait gehiago behar dela jendea konbentzitzeko. Zuretzako ideien borroka lehen mailako auzia bada, borroka hori non gauzatzen den detektatu behar duzu, eta pertsona bat Klaudio Landaren programara joateko prestatu behar bada, prestatu. Jendeak errealitatea beste modu batera ikus dezan zure diskurtsoa marko batzuetara egokitu behar da. Hori hala, orain ez daukagu marko egokirik.
Aldatu daitezke markoak?
Errealitatea bere horretan erakusteak ez duela piperrik balio jabetzea da markoa aldatzeko lehen baldintza. Bukatu da arrazoia daukagulako irabaziko dugula pentsatzea. Zein da Izquierda Unida eta Podemosen arteko funtsezko aldea? IU ezker-eskuin marko zaharrean mugitzen da "oligarkia" bezalako hitz gastatuekin, eta Podemosek goi eta behe markoa berreskuratu du "casta" -ren antzeko esaera freskoekin. Gauza berdintsua diote biek baina eguneroko marko eguneratu bat dauka batek, beste mende batekoa besteak. Hori da diferentzia. Podemosek ez du errealitatea borrokatu, errealitatea hor zegoen, agerikoa zen. Ezkerreko alderdi gehienek, ostera, uste dute jendeak ez diela botorik ematen ez direlako errealitateaz konturatzen. Horregatik dabiltza etengabe datuak ematen, jendea gertatzen ari denaz jabetzean, eurengana hurbilduko delakoan. Ez dute ulertzen ez dela kontzientzia kontua. Jendeak bere markoa dauka eta errealitate gordinena erakutsi arren zure diskurtsoa ez bada marko horretan kabitzen jai daukazu. Susmoa daukat ezker abertzaleak zerbait esaten duenero beste baten markoaren baitan esaten duela. Gaur EAJrenean, bihar Podemosenean, etzi... Horrela ezin da. Goazen gure markoa sortzera. Ulertu ditzagun kontzeptuak borroka esparru bezala. Kontzeptuek adiera anitzak dituzte, errealitatea ez da bat eta bakarra.
Gurtzen ditugun ereduek zerikusia dute errealitatearekin?
Desfase izugarria dago benetan izatea gustatuko litzaigukeenaren eta benetan garenaren artean. Soziologia minimo bat behar dugu, sen ona aztertu, jendeak zertan gastatzen duen eta zer kontsumitzen duen ikertu. Eragin zuzena dauka euskal kulturarengan. Irakurle baino idazle gehiago dauzkagulako kexatzen gara, baina zer kontsumitzen du jendeak? Bideo-jokoak, pornoa, motorrak... Euskarak badu presentziarik alor horietan? Ez dugu euskara zikindu nahi, aldaketa sozialaren ideal guztiekin lotu nahi dugu, baina euskarak ere kontsumo joeretara makurtu beharko du. Bestela, euskaraz eskaintzen ez dena erdaraz kontsumituko da. Ezin dugu etengabe gure balore erromantiko eta zerutiarren hipokrisian bizi. Kontua ez da herri mugimenduak egiten duen oro ona dela eta erakundeetatik datorren guztia txarra. Frente sozial eta instituzionala eskutik joan ezean ez dago zereginik. Herri mugimenduak erakundeari bidea zelaitu behar dio, hark aldaketa ahalbidetu dezan. Esaterako, Gipuzkoan, atez ateko zabor bilketaren gaian, herri mugimenduak atez atekoaren aurkako oldar kontserbadoreari askoz modu sutsu eta masiboagoan egin behar zion aurre. Ez du balio bando berekoak izan eta behin erabaki-guneetara iristean elkarri mokoka edo bakoitza bere aldetik ibiltzeak.
"Elkarbizitza jokoan eta zu berriz bertso ttikietan..." kantatzen du Ruperrek.
Hainbeste urtetako borroka tragiko baten ondorioz, ezker abertzaleak oso identitate emozional fuertea sortu du. Oso zaila da identitate horren baitan kriki-krakarik eragin gabe ezer aldatzea. "Borroka da bide bakarra!" oihukatzen pasa dituzunean urteak, justizia trantsizionalak nola ez dizu minik emango? Jendeak ez du debate ideologikotzat hartzen, bere identitatearen aurkako erasotzat baizik. Horregatik leporatzen dizu askapen mugimendua deuseztatzen saiatzea. Norbaiti bere mundua bere begien aurrean puskatzen diozunean alferrik esango diozu pragmatismoa behar dela. Ikuspegi mitiko horrek eraman du jendea borrokara, ez pragmatismoak. Ikuspegi mitifikatu horrek, ostera, munstro bat sortu du eta oraingo debateak ez dira debate intelektualak, debate emozionalak baizik. Hortik dator ilusio falta orokorra. Ezker abertzalean, jende bat bere mundurik gabe gelditu da. Guztiontzat da berkokatze eta birziklatze aroa. Jende askok aldaketa barneratu eta aurrera egingo du eta beste asko hor geratuko dira betiko. Denbora kontua da.
Alderdi politikoek benetako parte-hartzea asimilatzea denbora kontua da?
Ez. Kataluniak ipurdi bistan utzi duen gure kultura politikoaren beste gaitz bat: Ez dakigu aurrez erabat definitu gabeko estrategia aurrera eramaten, ez gara bidera aurreikusi gabe ateratzen zaizkigunak kudeatzeko gai. Erabateko kontrolatu nahian oinarritzen dira gure alderdiak. Eurek uste dutena pentsatu ezean jendeak hanka sartuko duela konbentzituta bizi dira. Utzi jendeari hanka sartzen! Baina ez, nahiago dute botoak eta boto-emaileak eurenak direla sinesten segi. Horregatik larritzen dira jendeak hauteskundeen arabera bozkatzen duela konturatzen direnean. Nire ustez, alderdiek pozik hartu beharko lukete bozkaren likidotasuna. Bakoitzaren proiektuak jendartea seduzitzeko duen gaitasunean kokatzen du borroka politikoa. Blokeak erabat definituta daudenean, askoz mugatuagoa da zure borroka esparrua.
Mehatxuak aukera izan daitezkeela, alegia.
Fidelitate berriak sortzeko aukera paregabeak eskaintzen dituen aroa bizi dugu. Fidelitateak ez dira betiko izaten, baina emozionalki zein arrazionalki arrastoa uzten dute zugan. Gainera, jendartea ezin da, orain bezala, etengabe lur-zorurik gabe ibili. Lehenago edo beranduago, ziur naiz xake taula berriz definituko dela eta taula berrian ere nazioak pisua izaten segiko duela. Oso garrantzitsua izango da datozen urteetan garatzen dugun gure nazioaren kontakizuna. Ez da kasualitatea Joseba Sarrionandia zapalkuntza ikuspegi batetik denak integratzeko egiten ari den ahalegina. | news |
argia-758d325e52c3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/hitz-globalak-gizenduz.html | Hitz globalak gizenduz | I�aki Antiguedad | 2016-04-24 | Hitz globalak gizenduz
Gero eta gehiago hitz egiten dugu burujabetzaz eta independentziaz, aldeko garenok behintzat. Halere, nire ikuskeratik ez datoz bat hitzoi emandako garrantzia eta edukiak. Hitzetan jartzen dugu indar handiagoa, edukien garapen ordenatuan baino. Horrek kezkatu egiten nau. Aldaketa sakona eskatzen duten halako hitz globalak edukien ibilbide-mapa iradokitzaileaz gizendu gabe hitz hutsalak suertatu daitezke, jatorri politikoaz hitzon aldekoak garenon lasaigarri, baina haratago zabaltzeko zailtasunez. Gaurko agertokia da horren adibide, mugatuta gaude.
Independentzia, burujabe garela egin dezakegun hautua da, beste hautu batzuk ere aukeran daudela. Hortaz, nire hiztegian burujabetza hitza nahiago, bestea baino. Burujabetzak, kontzeptuz, ez du aparteko azalpenik behar, oso ulergarria baita hitzaren esanahia. Independentziak, ostera, exijentzia handiagoa dauka, are gehiago Europako eredu nahasi eta konplexuan. Hortaz, gaur eta hemen, ulerterrazagoak diren hitz globalen aldekoa naiz ni, eta burujabetza lehenetsi. Gainera, denbora ematen digu horrek Euskal Estatuaren aldekoei Estatua ezaugarritzen joateko, Estatua sortzeko prozesua ez baita sarri irudikatzen dugun beste sinple. Zergatik tematu hainbat sektoretan bereganatzen zaila izan daitekeen terminologia erabiltzen?
Politika ulertu eta egiteko modu berriaz ari garela, hiztegia bera eguneratu beharraz ere ari beharko genuke. Kasurako, ez ditugu herritarrak burujabetza prozesura "erakarri" behar, prozesua bera zabaldu behar da jendartean, burujabetzaren beharra konpartituz. Baina horretarako, hitzetatik haratago, prozesua bideragarria ez ezik gizarte duinerako beharrizana ere izan badela zabaldu behar dugu: bertatik bertara erabaki. Eta horretan pedagogia falta handia sumatzen dut oraindik ere; sentitu legez esaten dut. Agian, abertzaletasuna bera, bere adiera klasikoan behintzat, oztopo bihurtu da gehiengo batek burujabetza sozialaren alde egiteko.
Bada esanguratsua gertatzen zaidana. Azken sasoian hurbileko prentsan hainbat gogoeta irakurri ditut prozesu subiranistaren gainean. Eta onartu egiten dut, freskotasun gehiago sentitu dut "politiko" ez direnen testuetan "politiko" direnenetan baino. Adierazgarria zait, idazkera pentsaeraren ondorioa delako. Burujabetza sozialaren aldeko formazio sozio-politiko global batek freskotasun hori "erakarri", orain bai egokia aditza, egin beharko luke; eta freskotasun sortzaileek gehiago inplikatu beharko lukete politikaren politikan, ikuspegi berriak eta berrituak sendotze aldera. Nire ustez, burujabetza sozialaren inguruan eman behar da eztabaidarik handiena etorkizun hurbilean. | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.