id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-aa3bf929a2dd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/multilateralismoaren-onurak-geopolitikan.html | Multilateralismoaren onurak geopolitikan | Asier Blas Mendoza | 2016-04-24 | Multilateralismoaren onurak geopolitikan
ARGIAn askotan idatzi dugu politikariek eta hedabideek nazioarteko politikan erabili ohi duten moral bikoitzaz. Egunero aurki ditzakegu adibide zakar ugari, baina, agian, AEBetako estatu idazkari John Kerryk Hiroshimara berriki egin duen bisita izan da guztien adierazle hoberenetako bat. Kasu horretan, egun historikoaz hitz egin dute masa komunikabideek. Ordea, ez dugu inolako kondena edota barkamen eskaera egiteko exigentziarik entzun edota irakurri.
Madril, Londres, Mosku, Paris, Brusela eta New York hiriek pairatutako atentatuak terrorista izendatzen ditugu, baina Hiroshima eta Nagasakiko erasoa baino terroristagorik imajinatzea kosta egiten zait. Zuzenean 200.000 hildako inguru bi bonbardaketetan, aldi berean beste milaka eta milaka batzuek zauriak edo aldi luzerako ondorioak pairatu zituzten. Washingtonek izua eta suntsiketa barreiatu zituen Erresuma Batuarekin adostuta. Ondoren, AEBetako ejertzitoak Japonia okupatu, bertako konstituzio osoa idatzi, inposatu eta Asiako ipar-ekialdea nuklearizatu zuen. Ordutik, munduan arma nuklearrak erasotzeko erabili dituen herrialde bakarrak jarraitzen du esaten zein herrialdek duen eskubidea eta zeinek ez, arma nuklearrak izateko. Ironikoa litzateke ez balitz politika errealaren aurpegi gordina.
Inperioaren bozeramaile diren mendebaldeko hedabide gehienentzat, gerra irabazten duenak edota indartsuena denak ez omen du terrorismorik (sic) praktikatzen. Bere bonbak humanitarioak eta okupazioak demokratizatzaileak dira. Areago, komeni da beste inork ez izatea inperioak duen gaitasun militarra, ahal bada inork ez dezala mugatu NATOren botere absolutua, hori halabeharrez ona baita munduarentzat (sic). Patioko matoi edo harroputzaren paradigma da.
Mendebaldeko hedabide gehienak eskolako "matoia"ren
–harroputzaren– esanetara daude. Horrela bere botere absolutua egikaritu ahal izango du, ume guztiei ogitarteko zati bat –edo osoa– kendu ahal izateko nahi beste alditan
Mendebaldeko hedabide gehienak eskolako matoiaren esanetara daude. Horrela bere botere absolutua egikaritu ahal izango du, ume guztiei ogitarteko zati bat –edo osoa– kendu ahal izateko nahi beste alditan. Matoi gehiago egongo balira ordea, matoi nagusiaren boterea mugatuta egongo litzateke. Bakoitzak bere menpeko ikasleak izango lituzke, baina inork ez luke patio osoa kontrolatuko, eta batzuetan, matoien artean esparru liberatuak egongo lirateke ikasle batzuentzat, esparru horretan matoiak ez lirateke ausartuko ogitarteko zati bat lapurtzera, ez baitakite keinu horrek beste matoiak haserretuko ote lituzkeen. Kontrolatu gabeko esparru horietarako matoien arteko "araudi ez idatzia" adostu ohi dute. Horiei esker eta matoien ugaltze prozesuari esker, ikasle ahul batzuek subiranotasun esparruak topatzen dituzte matoien eremuetatik kanpo.
AEBetan ondo ezagutzen dute tirania ekiditeko boterea sakabanatzeak dituen onurak. Ipar Amerikako erregimen politikoa pisu eta kontrapisuen sistema da, non patioan matoi ugari aurreikusi eta horien arteko borroka arautzen duen. Baina, AEBek etxean nahi dutena ez dute munduarentzat nahi. Horri esker mendebaldeko herrialdeen artean ez da egon sezesiorik. Geroz eta indartsuagoa bada inperioa, orduan eta zailagoa da sezesio bat gertatzea bere baitan. Horregatik, bitxia egiten zait euskal abertzale batzuen artean zabaltzen ari den joera inperialista, alegia Mendebaldeari, patioko matoi nagusiari, koipea ematea zuzenean edota zeharka bere etsaien aurkako jarrera sustatuz. Baina, noizbait Euskal Herriak independentzia lortuko badu, hori izango da mundua multipolar bihurtzen ari delako. Inperioaren boterea geroz eta mugatuagoa da. Inperioak araudi ez idatziak hausten dituenean, sezesio prozesuetan ere bai, beste matoiak maizago aurpegiratu eta oldartu egiten zaizkio. | news |
argia-ecb796ac5086 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/espetxe-politikan-urkulluk-ez-du-azterketa-gainditu.html | Espetxe politikan Urkulluk ez du azterketa gainditu | Xabier Letona | 2016-04-24 | Espetxe politikan Urkulluk ez du azterketa gainditu
La Casillako iraganetik Bilboko Udaleko etorkizunera egiten du euskal preso politikoen aldeko manifestazioak batean bai eta hurrengoan ere bai, pertsona oro harrapatzen duen dialektika humano oinarrizkoenean kateatua. Igande eguerdi batean, milaka pertsonak erantzun zion berriz ere preso ohien deialdiari. Paradoxa da, Euskal Herrian mobilizazio ahalmen handiena duen gaiak Espainiaren borondate politikoaren aurka egiten du talka etengabe, berau zartatzeko indarrik gabe. Bi egi esanguratsu hor dira, beraz, gaur egun gatazkaren oinordekotza mingarrienetakoa den preso eta iheslarien gaian: indar handia bai, oraindik nahikoa ez.
"Legealdi amaieran Jaurlaritzarekiko balorazioa oso eskasa da bake prozesu
saioari begira"
Gehiago beharko dela, alegia, espetxe politikan zirrikituak handitzeko, ezker abertzalearen esparru sozial zabal horren bultzada baino. Mobilizazioaz gain, hiru esparru gehiagotan ere eman beharko dira aldaketak datozen hilabeteetan.
PRESOEK HAIEK egin dezaketena da lehena, legeak dituen zirrikitu guztiak baliatuz, lehenago onartu ez ziren neurriak hartuz, orain ezinbestean. Ezker abertzaleko aparatu politikoak, preso ohiek eta EPPK-k ongarritu dute jada lurra, orain neurri zehatzak hartzen joan beharko dute apurka edo jadanik hartzen ari dira, horietako askok ez baitute izango oihartzun publiko handirik. Presoek euren esparru sozialaren sostengu osoa dute bide kolapilatsu horretan.
Bigarren eremua Espainiako Gobernua da. Eratuko den gobernu berria da klabea eta sikiera espetxe politika zerbait malgutuko den ala ez. Apur bat itxaron beharko da, beraz. Zantzu batzuen arabera, hainbat jarrera malgutzen ari dira. Esanguratsuenak alor judizialekoak dira, esaterako Segurako auzia edo Aztnugal auzia ren amaierak: beste erremediorik ez zaielako geratzen auzipetuek delitua onartu dute eta fiskaltzak –honen atzean beti da gobernua– zigorrik txikiena ezarri die, espetxera ez joateko moduan; badira beste batzuk ere, esaterako 2015eko udan agindutako herriko tabernen enbargoa, oraindik gauzatu ez dena. Bide bat egiten ari da itxuraz, baina espetxe politikan ez da oraindik maila berean islatu.
Euskal instituzioetan da hirugarren esparrua. Hauen bultzada ere klabea da, baina hemen ere presoen gaia desblokeatzeko konpromisoa arras txikia da, behintzat ikusten denetik abiatzen bagara. Gaiak badu bere ikuspegi teknikoa – Hitzeman eta abar–, baina batez ere gakoa borondate politikoa da, eta hortik ondoriozta daitekeena gordina da: instituzio nagusiak ez dira presoen munduan gaur egun dagoen sufrimenduari begira; egin daitekeen balorazio biguinenean, botoak eskuratzeko gai arantzatsua da eta ezikusiarena egiten dute. Torturaren gaian hartu dituzten neurriak, esaterako, oso bestelakoak dira.
Eusko Jaurlaritzarentzat ehunka preso batzuen eta hauen senideen errealitate gordinean ez da eskubide urraketa nahikorik egoera horren aurrean protestatu, egoera hori gizarteratu eta errealitate horren aurrean jarrera proaktiboa erakusteko. Esparru hori behin eta berriz ETAren armagabetzea eta ezker abertzaleak iraganarekiko duen ikuspegira bakarrik lotzeak dena esaten du.
Legealdi hasieran bazen esperantza maila bat Jaurlaritzak bakegintzan egin zezakeenari begira: hiru gai nagusietako bat zen Urkullu lehendakariarentzat krisia eta autogobernuarekin batera. Gainera, Jonan Fernandezek gidatu behar zuen prozesua. Legealdi amaieran, ostera, Jaurlaritzarekiko balorazioa oso eskasa da bake prozesu saioa izan den horri begira; eskasagoa euskal presoen esparruan egindako lanari lotuz, are gehiago Eusko Legebiltzarrean edo Biltzar Nagusietan sakabanaketaren aurka eta preso gaixoak askatzeko jarrerak argiak direnean.
Baina dagoena dago, eta instituzio nagusien konpromiso maila handiagorik gabe, presoen gaia bideratzeak denbora gehiago emango du. Interes handiena duen ezker abertzalearen lana izango da instituzioen konpromisoa areagotzea eta beste konplizitate maila bat bilatzea.
Mobilizazioa, presoak, Espainiako Gobernua eta euskal instituzioak. Lau esparru eta hainbat gako. Hori bai, lehenaren bultzada barik, beste hiruek ezin dute, horra mobilizazioaren balio ezinbestekoa. | news |
argia-25aa653f624c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/arrasateko-meatzerreka-auzoa.html | Urtetan kaltetutako eremuari arnasa eman | Amaia Ugalde | 2015-03-01 | Urtetan kaltetutako eremuari arnasa eman
Meatzerreka Arrasateko auzorik zaharrena da, ahaztuenetarikoa ere bai: harrobiek, hondakindegiek eta fabrika kutsakorrek hainbat kalte eragin dizkiote auzoari. Jarduera horien eraginez galdutako ondare naturala berreskuratzen hasiko dira aurten. Izan ere, Arrasateko Udalak herrian babestu gura dituen inguruneetako bat da.
Arrasaten, Kanpanzar mendatera joateko bidea hartu, eta eskumatara dago Meatzerreka auzoa. 50 bat auzokide bizi dira bertan eta, urtetan, hainbat ekonomia jarduera izan dituzte. Tartean izan dira hiru harrobi, Arrasateko saihesbidea egin zeneko hondakindegia, hiri hondakinen zabortegia eta errauskailua. Civasa fabrikaren hezurdura ere oraindino zutunik dago Meatzerrekan. Horiek guztiek eragindako kalteari buelta eman eta ondare naturala berreskuratzeko asmoz, auzoa babesteko erabakia hartu dute udal arduradunek.
Josu Pereda ingurumen zinegotziak dioenez, "azken hamarkadetan Arrasaten indar guztiak bideratu dira industria jardueretara, errepide eta komunikazio-sareak sortzera eta etxebizitzak egitera. Ingurumena guztiz ahaztuta egon da". Hori dela eta, plan berezia prestatu du udalak, Besaide mendizale taldea, Naturtzaindia elkartea, Arrasate Zientzia Elkartea eta Iraganeko Oinatzak jakintza eta zientzia elkartearekin batera. Herriko hainbat gune babes bereziko izendatu dituzte, eta ekintza eremuetako bat Meatzerreka auzoa da. Hala eskatu izan dute auzokideek sarritan.
Udalak jarduera ekonomikorako lur azalera murriztu du, eta lehenago Akeiko zabortegiarena zen lursail bat erosi du, hiru hektareakoa, San Baleixo baselizaren ondoan. Peredak dioskunez, arnasgune bat sortu gura dute, mahaiekin eta panel informatiboekin. "Ingurua bakean egongo da, ez da jarduera ekonomikorik egongo, eta auzokideentzat eta arrasatear ororentzat gune bat izango da".
Udalak erositako lursailean basoari birsortzen laguntzeko, Zuhaitz Eguna ospatu zuten otsailaren 21ean, eta hainbat intxaurrondo eta gaztainondo landatu zituzten. Auzolanerako beste hitzordu bat ere bada, otsailaren 28an, Naturtzaindiak, Sustrai Berri elkarteak eta Besaide mendizale elkarteak deituta, 500 bat haritz landatzeko; izan ere, haritza da Meatzerrekako berezko arbola.
Kalitate handiko ura eta saneamendu falta
Meatzerrekako ondare naturalaren barruan Bernarasko iturburua dago. Udalatxeko iturburuetako bat da, eta Arrasateko ur kontsumoaren %10 bertatik hornitzen da. Ingurumen zinegotziak nabarmendu du ur hori bertan izan arren, Meatzerrekako baserriek ez daukatela saneamendurik, eta hori izango dela auzora begirako beste proiektu bat: "Meatzarrekako baserri gehienek, edo ez daukate putzu septikorik, edo duela 30 urtekoak dauzkate".
Saneamendu falta horrek Benerasko iturburua kutsatzen duela azaldu du Peredak: "Berez oso kalitate oneko ura da bertakoa, baina bakterioz beteta egoten da. Edangarria izateko kloroa bota behar izaten zaio".
Elorriorako errege bidea
Meatzerrekan saneamendua jartzeko lehen pausoak errege bidearen berreskurapenarekin egingo dira. Bide hori, antzina, Arrasatetik Elorriora joateko bide nagusiaren lehen zatia zen, eta garai batean tarte horretako lursaila Civasa fabrikari sarbidea errazteko eman zuen udalak. Bidea berreskuratu, eta bide batez, saneamendurako kolektorea sartuko dutela jakinarazi digu Josu Peredak.
Berreskuratuko duten bidea Gipuzkoa eta Bizkaia lotzen zituen errege bidearen zati bat zen. Berez, "errepide" hitza errege bidetik datorrela uste da, eta duela 200 urte bide nagusiak ziren, zabalera handikoak. Auzokideek eta mendizale elkarteak sarritan eskatu dute 150 metro dituen bide hori berreskuratzeko. Izan ere, orain ez dago Arrasateko erdigunetik Meatzerrekara oinez joateko biderik: "Auzora oinez joateko errepidez joan behar zara, eta oso arriskutsua da". | news |
argia-00e8d601883a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/ainhoa-aznarez.html | "Euskal Herria da gure herria eta Nafarroa gure estatua" | Reyes Ilintxeta | 2015-03-01 | "Euskal Herria da gure herria eta Nafarroa gure estatua"
Feminista, aurrerakoia, euskalduna eta oraindik PSNko bertso askea, baina denbora gutxirako. Ainhoa Aznarezekin izan gara.
Euskara etxean ikasi zenuen?
Bai. Ama Antzuolakoa da eta ni han bizi izan nintzen 4 urte bete arte. Ondoren Iruñera etorri eta San Fermin ikastolara joan nintzen. Aita Melidakoa da eta euskaldunberria. Funtzionarioa zen eta urtetan aritu zen goizeko zazpietatik bederatzietara euskaltegian jo eta ke ikasten.
Magisteritza ikasi zenuen. Bokazioz?
Gustukoa nuen eta gainera estereotipoek indar handia dute. Haurren heziketa emakumeen alorreko zerbait bezala ikusten da askotan eta ni bete-betean sartzen nintzen paper horretan: lehengusu-lehengusina txikiekin jolasean ari ginela ni beti maistra nintzen. Haur hezkuntza hautatu nuen. Oso polita da.
Orain irakaskuntzan ari zara, baina berdintasunaren inguruko gaiak lantzen.
Bai. Orain duela urte batzuk genero ikuspegitik lanean ari gara udalekin eta ikastetxeekin tailerrak antolatzen. Ez da behar den guztia egiten, baina zerbait behintzat bai. Saiatzen gara gure curriculum vitae horretako vitae atala bereziki indartzen. Askotan ikasketa eta titulu pila dugu baina bizi esperientziak ez dira lantzen. Ondorioz, maiz gertatzen da, adibidez, bizitzan zehar sortzen diren gatazkak ez dakigula kudeatzen. Gu horretan tinko ari gara lanean, nahiz eta diru murrizketa izugarriak izan azken bolada honetan.
Datuak oso kezkagarriak dira. Gazteen artean kontrol harremanak oso ohikoak direla diote ikerketek. Atzeraka goaz?
Berdintasunaren ameskerian bizi gara. Askotan neska-mutilekin solasean haiek esaten dizute berdintasunean bizi garela, baina hamaika aldiz entzundako zerbait ari dira errepikatzen, besterik ez. Errealitatea oso bestelakoa eta kezkagarria da. Ikaragarria da, adibidez, zer alde dagoen gizon eta emakumeen soldaten artean: Estatuan %23koa eta Nafarroan %29koa baino gehiago. Eta Nafarroan ere enpresetako zuzendaritza postuetan %10 besterik ez gara, administrazioan ia %50 garen bitartean. Horrek esan nahi du sakonki jorratu beharreko alorra dela. Nafarroa ez doa esaten diguten bezain ongi.
Gizonek bezala jokatzen duten goi karguetako emakumeak lortzea da helburua?
Nik uste dut ezetz. Argi dago emakume gero eta gehiago iristen bagara postu horietara eredua aldatuko dugula. Bat edo birekin ezin da ezer egin androzentrismo sisteman bizi garelako, sistema patriarkalean, eta aldaketak ez dira soilik kopuruak eta kuotak, horiek beharrezkoak izanda ere. Esparru guztietan ikusten da oraindik oso emakume gutxi dagoela goi postuetan, unibertsitatean %60a izanda. Azken urte hauetan formakuntza handiko gero eta emakume gehiago daude. Lehen esaten ziguten emakumeek formakuntza hori lortutakoan, sarbidea izango genuela enpresetan eta administrazioan, baina orain ikusten ari gara hori ez dela egia. Gu esparru publikora joan gara, baina gizon asko ez dira joan, neurri berean, esparru pribatura. Oraindik emakumeok lan gehiago egiten dugu etxean gizonezkoek baino eta horrek kostu bat dauka denontzat. Sistemaren errua da, hala ere eroso bizi dira batzuk horrela. Oso motel goaz eta izugarri kostako zaigu, adibidez, Danimarkan edo Finlandian guraso biek duten eskubide berdintasun mailara iristea. Borondate politikoa ikusten da han.
Legez bermatu behar dira kuotak?
2007ko Berdintasun legeak dioena da ekintza positiboak egin behar direla egoera eta arazo zehatzak zuzentzeko. Hauteskundeetarako zerrendak prestatzerakoan eragiten du, adibidez; administrazioan ez horrenbeste, merituen zerrendak daudelako, eta enpresa pribatuetan ere ez. Hor sustatzen dena da enpresa bakoitzak bere berdintasun plana egin dezan, baina duela bizpahiru urte horretarako ematen ziren diru-laguntzak amaitu ziren Nafarroan eta hori aitzakiatzat hartuta-edo, orain dena geldirik dago. Inork ez du behartuko enpresa bat bere berdintasun plana egitera dirurik ez dagoenean. Volkswagenek, 4.500 langile ingururekin, ez dauka berdintasun planik.
Goi postuetan emakume gehiago egonez gero, zer aldatuko litzateke?
Ordutegiak, adibidez. Lan otorduak edo arratseko bilerak ez lirateke horren maiz egingo. Emakumeok erotuta bizi gara ordutegi horiekin haurrez, adinekoez, gaixoez eta etxeaz arduratu ahal izateko.
Ordutegiaz gain, zer beste ekarpen egin dezakegu emakumeok?
Bizitzeko beste modu bat. Ekoizpenari horrenbeste garrantzirik ez eman eta erreprodukzioari, aldiz, gehiago. Modu berean, gerrak ez lirateke eguneroko notizia izango. Emakume batek, ama batek ez du gerra bat sortuko bere seme-alabak hara bidaltzeko. Izan ere, kasu askotan ikusi da nola sortu diren emakumeen sareak gerran dauden herrialdeen artean. Ustelkeria gutxiago legoke, gizonek haien buruaz duten arrakastaren ideia nagusia dirua pilatzea delako. Kapitalismoaren otso hori behar dugu bizitzeko? Gauzak aldatu behar dira. Gurean otordu egokiak soilik eskolan izaten dituzten haurren egoera edo jubilatuen pentsioekin bizi diren familiak sistema horren isla dira.
Politikan baino lehen, UGT sindikatuan aritu zinen. Nola iritsi zinen horra?
UGT sindikatuan hainbat lantegitako langileei euskara klaseak ematen hasi nintzen. Ondoren esan zidaten sindikatuaren ardura hartzeko Sakanan. Nik nahi nuena zen UGTk Sakanan euskarari bultzada ematea, hutsune handia zegoelako horretan. Horrez gain, lan handia egin genuen sindikatuen arteko batasuna lortzeko hainbat aldarrikapen sindikaletan, lan istripuen kasuan, adibidez. Gustura ibili nintzen han. Kosta egin zitzaidan hasieran, oso gizonezkoen eremua zelako eta ni, gainera, gaztea, sartu berria. Kosta egin zitzaidan, baina errespetua lortu nuen eta oso gustura aritu nintzen. Hori bai, egun osoa autoan ematen nuen han-hemenka, egun batzuetan 500 kilometro egiten nituen.
Sakanak langabezia maila altuenetakoa du egun Euskal Herrian. Zergatik dago bereziki zigortua?
Beti politika alderdikoia sartu delako. Ez doa ez aurrera ez atzera eta familia asko bizi da hor. Estrategikoki oso toki ona da zerbait egin nahi izanez gero, baina sekula santan ez da hor ezer egin. Ez da borondate politikorik izan.
Sakanatik Iruñeko Udalera zinegotzi 2003tik 2007ra.
Lizarbek proposatu zidan zerrendan joatea. Hasieran zalantzak izan nituen politikan sartzeko, baina azken finean dena politika denez, sindikatua utzi eta udalean sartu nintzen, independente gisa. Ezin Barcina eta Iribas burutik kendu. CDNrekin gehiengoa zuten eta bozketa gehienen emaitza 15-12 izaten zen. Hainbesteko lana egitea, aldez aurretik emaitza zein izango zen jakinda, etsigarria zen. Udaletxean emakumeon ahotsa eta euskara aditua izatea nahi nuen. Oso urte interesgarriak izan ziren.
Orain politikako lehen lerroa utzita, erosoago?
Haur hezkuntzan eta berdintasun alorrean lanean, baina aspalditik bezala, hainbat herri mugimendutan buru-belarri: Nafarroako Ezkerreko Junta Errepublikanoan, Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarrean, COMFIN emakumeen eta feministen berrogei elkarteen koordinadorako presidentea naiz eta hor gelditu gabe ari gara lanean. Bestalde, CC izeneko GKEko kidea naiz eta udan Malira joanen naiz haur eta gazteekin lan egitera. Politikagintzan ari naiz, baina atzeko lerroan.
Sozialista kritikoa. Erreferentziazko ahotsa zara?
Nintzen.
Bertso aske bat PSNn?
Baliteke. Nik nahi dudana da mugimendu sozialak elkartu eta honi buelta eman. Aldaketa sakona gauzatu, hemendik abiatuta.
Hauteskundeek aldaketa hori ekarriko dute?
Sumatzen da. Ni baikorra naiz. UPN jaitsiko da eta UPN-PSN-PP eta haiekin elkartzen ahal diren beste indar txikiagoek ez dute boterea lortuko. Zerbait berria eta ona etorriko da. Gauza da aldarrikapen asko dagoela baina oso atomizatuak: osasungintza, hezkuntza… Erronka da horiek guztiak elkartzea. Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarrean oso jende anitza gabiltza. Parlamentura eraman ditugu gure aldarrikapenak, behetik gora, eta UPN-PSN-PP kenduta beste alderdi guztiek onartu egin dituzte. Herriak hamaika gauza egin eta erakundeetara eraman ditzake.
Baina zuk PSNn jarraitzen duzu?
Urtebeteko parentesia daukat. Urtebetean kuota ez baduzu ordaintzen kanpoan gelditzen zara. Horretan nago. PSNko sektore batekin ados nago, baina argi dago gauzak Madrilen erabakitzen direla.
Desengainu handia hartu duzu alderdi sozialistarekin?
Baina antzeko zerbait gertatzen da beste alderdi batzuetan ere, ezta? Gauzak ez dira Nafarroan erabakitzen, Bilbon baizik, adibidez, eta nik aldarrikatzen dut Nafarroa oso bat: Euskal Herria gure herria eta Nafarroa gure estatua. Herri batek estatua behar du eta Nafarroa estatua da. Nik hori aldarrikatzen dut. Hor daude Gipuzkoako nafarrak, Bizkaiko nafarrak… Baina denak nafarrak gara.
Bat egiten duzu, beraz, Nabarralderen ideiekin?
Bai. Euskal Herria dugu kultura eta hizkuntzaren alorrean, baina politikoki Nafarroa da estatua. Horretarako egin behar duguna da aldaketa sakon bat: beste prozesu konstituziogile bat, estatu guztiek erabakitzeko eta autodeterminaziorako eskubidea izan dezaten. Estatuak aldatzen dira, gizartea aldatzen da, baina nik ez dakit zer gertatzen den Espainiako erresuma honetan: hiltzen ari den ereduari irtenbidea eman ordez, horri eutsi. 78ko Konstituzioa aldatu behar da aldarrikapen asko dagoelako, baina PSOEk ez du hori buruan. Kontraesankorra da. PSOEk beti aldarrikatu du erabakitzeko eskubidea norberaren gorputzean, esate baterako, eta zergatik ez herri batentzat? Zergatik izan behar dugu demokraziaren beldur?
Erriberako aspaldiko sozialistak nola daude?
2007an, Nafarroa Bai eta Ezker Batuarekin hitzarmena egiteko aukera galarazi zigutenean, haietako asko joan ziren. Eta orain duela urtebete, UPNri mozio zentsura azkenean ur errean gelditu zenean, beste askok berdin egin zuten. Alderdiaren oinarriak desegiten ari dira eta horrek ez dio onik egiten alderdiari. Lider batek ausardia izan behar du erabakitzen dena aurrera eramateko eta ez badute onartzen, gestora bat izendatu, Madrilen bezala, eta akabo. Hemen lider bat falta zaie.
Laura Perezek eskatuko balizu berarekin joateko Podemos-eko zerrendan, onartuko zenuke?
Aspalditik ezagutzen dut Laura. Oso jatorra da, zintzoa, koherentea, hemengoa… Nafarrak oso bertakoak gara eta Laurak egin duena izan da Nafarroa anitz hori elkartzea. Joan Bosch ere ezagutzen dut. Hemen bizi da, baina ez da hemengoa. Agian oso ikuspegi paletoa da, baina izan ditugun aurreko esperientziak ikusita, nola beti hemendik kanpo hartzen diren erabakiak, jendeak nahiago izan du hemengo bat hautatzea. Presidente izateko oso gauza positiboak ditu: gaztea, emakumea, diskurtso berri bat duena konsignetatik aparte… Guk Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarrean ditugun oinarriak dira Laurarenak. Hiru urtetan jorratu ditugun ideiak Laurak bere egin ditu. Denok nahi dugu aldaketa, kontua da mahai gainean gutxieneko oinarri batzuk ipintzea eta gero gobernu anitz hori mantentzea. Zaila izango da hori.
EH Bildurekin hitzarmenik egin daiteke?
Zergatik ez? Alderdi bat da. Ez dut ulertzen zergatik hainbeste mamu eta hainbeste beldur. Beno, orain mamua Podemos da. Lehen "que vienen los vascos", orain "que vienen los de Podemos". Lehen momentuetan aldarrikapen nazionalak alde batera utzi behar dira oinarri minimo batzuetan ados jartzeko. Larritasun egoerei irtenbidea eman behar zaie. Hori da premiazkoena.
Itzuliko zinateke politikaren lehen lerrora?
Ez dut planteatu. Nik jarraitzen dut oinarrizko politika egiten eta behean egiten duguna goian jasotzen bada eta ateak irekita badaude, ikusiko dugu. Aldaketa sakona aurrera eraman behar da 19 urtez boterean egon den UPN oposiziora bidaltzeko.
Ekaineko Nafarroa, nolakoa?
Ilusioz, bestelako diskurtsoez eta kolorez betea: ekologisten berdea, feministen morea… Parlamentua kolorez bete behar dugu. Zaila izango da, Nafarroa zorpetuta utziko digutelako. Hezkuntza eta osasungintza ahulduta eta Nafarroak behar ez dituen Los Arcoseko zirkuitua edo Arena pabilioia bezalako proiektu faraonikoekin. Sosik gabe ezin da gauza handirik egin eta horrek epe ertainera dakar boto-emaileen esperantza galtzea. Ezkertiarrok segituan gure gobernuei zaplazteko ederrak ematen dizkiegu, oso kritikoak garelako. Bakea eta lasaitasuna behar dugu gobernu anitz honek bere lana egin dezan egoera ekonomiko zail horretan. Denok batera, goian daudenak eta herritarrok. | news |
argia-83eec14c5494 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/inoizko-obra-publikorik-luzeena-26-mende.html | Inoizko obra publikorik luzeena: 26 mende | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-03-01 | Inoizko obra publikorik luzeena: 26 mende
Korintoko golkoa (Grezia), K.a. VII. mendea. Greziako Zazpi Jakintsuetariko batek, Periandro Korintoko bigarren tiranoak, Egeo itsasoa eta Korintoko golkoa kanal baten bidez lotzea pentsatu zuen, Peloponesoko penintsula inguratu beharra saihesteko. Baina zailtasun teknikoak gainditzeko gaitasunik ez zeukala konturatu zenean, kanalaren ordez harrizko arrapala eraikiarazi zuen; egun, oraindik, arrapalaren arrastoak ikus daitezke kanalaren alboan.
Periandro ez zen izan kanala eraikitzea gogoan izan zuen greziar bakarra. K.a. III. mendean Demetrio I.a Mazedoniakoak ere proiektua bultzatu nahi izan zuen. Ondoren, erromatarrek hartu zuten lekukoa. Julio Zesarrek Laus Iulia Corinthiensis kolonia berrian kanala eraikitzeari egoki zeritzon, Kaligulak ere bai, baina azkenean Neronek abiarazi zuen proiektua. K.o. 67. urtean, suntsitzaile ospea daukan enperadoreak Korintoko istmoan kanala eraikitzeko agindua eman zuen eta 6.000 esklabo bideratu zituen obrara. Egungo politikaria bailitzan, obrak hasteko zeremonia moduko bat ere egin zuen Neronek: Greziako gobernadorearen eskuetatik urrezko pikotxa hartu eta lehen hiru kolpeak berak eman zituen.
Baina, urte horretan bertan, galiarrak matxinatu zirenean, Galiako Erreboltak bereganatu zuen enperadorearen arreta eta, ziurrenik, kanala eraikitzeko aurrekontuaren zati handi bat. Kontuak kontu, Neron lanak hasi eta urtebetera hil zuten, eta Galba enperadore berriak kanalaren obra bertan behera utzi zuen, garestiegia zelako.
Proiektua madarikatua ote zegoen ere zabaltzen hasi zen, kanalaren bultzatzaile nagusi gehienak indarkeriaz hil zituztela oinarri hartuta: Demetrio I.a, Julio Zesar, Kaligula, Neron bera... Kontua da garai hartan indarkeriaz hildako goi karguen portzentajea handia zela, eta kointzidentzia horrek zerikusi gehiago izango zuela horrekin, proiektuaren sustatzaileen aurkako ustezko madarikazioren batekin baino. Eta hala ere, proiektua mendetan ahaztuta egon zen.
1881ean berriro ekin zioten kanala zabaltzeko lanei, Ferdinand de Lessepsen proiektuarekin (Suezko eta Panamako kanalaren proiektuak ere frantziarrak egin zituen) eta Istvan Türr ingeniari hungariarrak zuzenduta. Hamabi urte geroago inauguratu zen kanala. Gaur egun Korintoko golkoa eta Egeo itsasoa lotzen dituen 6,3 kilometroko lerroa Neronen proiektuan marraztutako berbera da. | news |
argia-8c2c55425300 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/argazki-bat.html | Argazki bat | Joanes Etxebarria | 2015-03-01 | Argazki bat
Uste nuen ene herriko bidaiari handiak gazteak zirela denak, baina bada horietan 79 urteko gizon bat. Ezagutu nuena, gurasoei egurra saltzen zielako.
Entzun nahi duenari kontatzen dio bere urteroko bidaia luzea, autoz, emaztearen familia ikusteko egina. Errusiara joaten da, emaztea hangoa baitu. Segur aski oraino jende anitzek pentsatzen dutena uste nuen, joan den larunbatera arte: diru truk ezkondu zela, alegia. Edo familiari sos emanez, edo bizitza hobe baten promesa eginez, edo holako zerbait.
Joan den larunbatean bere etxera joan nintzen, baita sartu ere, aperitifaren gomitarekin. Erosotasunean xume bezain maitasunez betea dute etxea. Elkar maite dute, eta hori ez du diruak kausitzen.
Moskuko balet dantzari profesionala eta irakaslea izan ondotik, Madril, Paris, Mexiko eta hamaika bazter kurritu ondoan, Barkoxen pausatu da dantzaria. Eta urtean behin, hilabete baterako, Moskura doa bikotea, artistaren familia ikustera. Emazte horrek gure gizona Parisera eraman zuen behin –60 urte zituelarik–, eta geroztik, Errusiarako bidean saihesbideetatik doaz: Grezia, Italia, eta ondokoetan gehiago. Bi bidaien artean, egurra saltzen dute. | news |
argia-14ec9172bc58 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/eledun.html | Eledun | Aitor Servier | 2015-03-01 | Eledun
1
Bat-batean josten ditut
hitzak silabaz silaba
idatziz, bertso berritan
jarri ohi dut bihozkada
egunkaritan, blogetan
asteroko zertzelada
hitzak, eleak jolasgai
kezka ororen balada.
Baina, ez nabil alferrik
asanbladaz asanblada
bertsulari bat, Aitzinan
bihar eledun gisara?
Gazte erakundearen
hitzen kargu, beharbada...
hor hasi zen barne-galde
bihurrion sigi-saga.
2
Proposamena izan dut
ezusteko, itsumustu
erran zidaten: "Pertsona
egokia haiz hain justu
komunikatzaile ona,
mihirik ez zaik kamustu...
harremanetan abila
hori behar huke mustu".
Nik haatik, bertsugintza
baitut geroko apustu
bi bizien paradigma
gaur jantzi, bihar biluztu:
– Bertsutan behar ote dut
"nia" xume-xume hustu?
– Ta eledun gisa aldiz,
"gua" hitz potoloz puztu?
3
Zaila zait ordenatzea
erraietako enbata,
areago erakunde
baten haritik tiraka
nola atera ikasi
nahi dut sartu aitzin hanka.
Iritziak agertzeko
horra dilema galanta:
– Prentsaurreko jendetsua,
elkarrizketako txapa
estrategiez eginik
irmotasunez kalaka
– Edo sotilki gaindituz
gai labainkorren ataka,
ideia printzak azalduz
bertsu-saiotan tantaka?
4
Ahotsa politikaren
lurra iraultzeko tresna
nola zuritu daiteke
egin gabeko hobena?
Hain bat-batekoa ez den
langintzan eleen dema
galdera existentzialen
nabardura nabarmena:
– Lokatzetako bardoak,
kantuz husten du barrena
ertzeko iritziekin,
subjektiboa den lema.
– Eledun gisa zalantzan
jarri nahi badut sistema
beti izan behar al dut
politikoki zuzena?
5
Amuriza, ordezkatuz
HBren pentsakera,
behin, Juan Carlos aurrera
kantuz ez al zen atera?
Onintza Enbeita sartu zen
Madrilen lehoi artera
Gorteeetan hartu die
txistuei txalo tankera.
Bertsulari, politiko,
biak izaki batera
eskizofrenikoa ez
ote dute izakera?
Eleduna izatea
enetzat aski arte da
baina, iritsiko al naiz
diputatu izatera?
6
Ezinikusien kinkak,
jendearen maliziak,
ostatuetan sortu ohi
ditu kalaka bitxiak:
bertzeren ideiei buruz
erdeinuzko iritziak
ene kasuan, batzoki
ertzeraino iritsiak
herri txit jator honetan,
hegan doaz notiziak
arrisku poxi bat dakar
eledunaren biziak
ez bitez izan pasata
ideien talkak, krisiak
gaurko ate irekiak
biharko ate itxiak.
7
Adierazi berri dut
non dakusadan zemaia,
aurreko azken puntua,
ez da zinezko epaia,
bai ordea, baieztapen
erretoriko deslaia
saiora nor ekarriko?
Delarik hizketagaia
bertsutan, Sarri, Barcina,
zakurra, amatxi guaya
eledun gisa zorrotza,
ekintzailea, lasaia
jendeak hautemanen du
ene nihaur izan nahia
edota ikusiko du
bi kasutan pertsonaia?
8
Sorta serioa baina,
5. bertsuan burla
diputatu izatera
ez naiz helduko sekula
eledun izatera bai,
erantzunkizun mardula
jadanik entzun dezaket,
anitzen ahuntz eztula
bertsularion kritikan
hain estakuru ahula,
euskal sasi-intelektual
bekaiztienen fabula,
hitza izkilutzat nahi dut
eta eleak xuxurla
erran ez dezaten denok
berdin pentsatzen dugula. | news |
argia-f62dce16fdbd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/ukraina-mehatxu-militar-sinesgarrien-gurpil-zoroan.html | Ukraina mehatxu militar sinesgarrien gurpil zoroan | Pello Zubiria Kamino | 2015-03-01 | Ukraina mehatxu militar sinesgarrien gurpil zoroan
2015eko otsail hondar honetan Ukrainak galdutzat jo ditzake bai Krimea eta bai Donbasseko eskualde zabal bat. 12 hilabete lehenago Euromaidan zen albiste Kieven. 5.500 hildako geroago, Ukrainako gatazkan korapilatu da AEBen, Errusiaren eta Europaren arteko elkarbizitza. Otsailaren 12an sinatutako itunak apenas piztu du bake itxaropenik.
Minsk-II ituna sinatu arren, sakonean ba ote da aukerarik une honetan Ukrainako gatazkan diplomaziak bolborari gaina har diezaion? Menturaz beldurra da esperantza bakarra. Europa barruan AEBen eta Errusiaren arteko gerraren garrak hedatzeari zaion izua. Europako zenbait buruzagi nagusi badirudi hasi direla kontutan hartzen gerra ezkutu eta agerikoez asko dakiten jendeen iritziak.
Otsailaren 16an, Minsken 12an hitzartutako su-etena zintzilik zeukanean Debaltseveko guduak, Britainia Handiko MI6 (atzerrirako espioitza) zerbitzuko buru nagusi izandako John Sawersek esan zuen: "Mendebaldeak ikasi behar du Vladimir Putinekin bizitzen. Errusiarrak probokatzeak sakonago baizik ez du eginen oraintxe Europak daukan segurtasun krisia".
King's Collegen esan zien ikasleei: "Ukrainako krisia dagoenekoz ez da Ukrainaz, askoz krisi handiago bilakatu da, larriagoa, Errusiaren eta Mendebaldeko herrialdeen artekoa, Europako balore eta ordenaren ingurukoa. (...) Errusiako agintaritzan aurreikusi dezakegun edozein aldaketa okerragorako izango da. Datozen urteetan Errusiarekiko harremanen kudeaketa izanen da Europaren segurtasuna definitzeko arazo nagusia".
MI6ko buruzagia ez da Ukrainakoak eragin duen arrisku geopolitikoaz ohartarazi duen bakarra. Beste bi oso nabarmen aipatzearren, hautu politikoen mapan bi muturretan bizi diren Noam Chomsky eta Henry Kissinger gutxitan azalduko ziren ados, baina hala ikusi dira Ukrainako gerraren mintzatzean.
Occupy mugimenduko ekintzailea eta aspalditik abokatu ezaguna den Kevin Zeesek bildu ditu Chomskyren eta Kissingerren iritziak Mint Press News gunean: " Chomsky And Kissinger Agree: Avoid Historic Tragedy In Ukraine " (Chomsky eta Kissinger ados: saihestu behar da tragedia historikoa Ukrainan).
Kissinger AEBen atzerri politikan factotum bat izan da, Sobiet Batasunarekiko Gerra Hotzaren azken urteak kudeatu zituen, Vietnamgo gerra, haurrek ere badakite munduko hamaika bazterretan estatu kolpe militarrak sustatu zituela amerikarren gogokoak ez ziren agintari hautatuak lurperatzeko.
Ukrainan AEBek eskua nabarmenago sartzeaz esan du Kissingerrek: "Arriskuari ezin diogu ez-ikusia egin. Gerra Hotza berpiztea tragedia historikoa litzateke. Gatazka saihestu baldin badaiteke, moraltasunean eta segurtasunean oinarrituta, ahalegindu behar da hura saihesten".
Noam Chomsky Kissingerren antipodetan ibili da beti, AEBen inperialismoarekiko kritiko kupidagabe, Kissinger gerrako kriminala dela esan izan du. Baina Errusiako agintariekiko oso kritiko ere izan da beti, anarkista zorrotza denez. Ukrainakoaz kezkatuta agertu da: "Errusiako autokrazia [Vladimir Putinen diktadura] ez da inondik ere errurik gabea, baina lehen ere hondamenditik oso hurbil ibili ginen moduan berriro jolasean ari gara katastrofearekin. (...) Orain, Ukrainan krisia leherturik, eta Errusiarekiko mugen ondoan 'misil bidezko defentsa sistema' deitzen diotena ezarririk, egoera arrisku handikoa da".
Si vis pacem, para bellum?
Asko ote dira gerra hotzaren eta are larriagoa litzatekeen gerra beroaren arriskuez ohartarazi dutenak? Zenbat indar daukate? Dakiguna da Ukrainako gatazka bide baketsuetatik aterata 5.500 heriotzarainoko gerran eta potentzia handien gero eta esku hartze handiagoan murgildu bada izan dela interes handiek elikatu dutelako hautu hori.
AEBen Ukrainako demokrazia Errusian Vladimir Putinek ezarrita daukan diktaduratik babestu dadila oihukatzen ari direnak asko dira, eta gatazkak behar dituzten lobby indartsuek sustatuta gainera. Ordainetan, Errusian ez dute etsaien aurrean ahul azaldu nahi. Nazioarteko prentsan arakatuz, bai OTANen aldekoetan baina baita Putinen aldekoetan ere aurkitu daitezke datu kezkagarriak. Esaterako, Moskuko hedabide ofizialetan nola banalizatu den arma nuklear taktikoak erabiltzeko mehatxua, Ukrainakoa are gehiago nahaspilatzekotan eraso nuklear prebentiboa aldarrikatuz. Broma gutxi kontuokin.
Der Spiegel astekari alemanak berrikitan plazaratu duen analisi baten arabera, Angela Merkel bera ere duela gutxi sobietarren kontrako politiketan oilar agertzen zen. Spiegel eko zenbait kazetarik elkarlanean idatzitako " The War Next Door: Can Merkel's Diplomacy Save Europe? " (Gerra atarian: Merkelek salbatu ote dezake Europa) xehetasun argigarriz erakutsi dute nola hurbildu den Merkel orain Ukrainarako aldarrikatzen duen real politik delakora.
Eki Alemanian sortua izanik errusiarrekiko mesfidati izateko fama daukan Merkelek oposizioan zegoela, 2003an, The Washington Post en idatzi gogor bat plazaratu zuen " Schroeder Doesn't Speak for All Germans " (Schroeder ez da mintzo alemaniar guztien izenean), zeinetan gogor kritikatzen zion errusiarren kontrako mehatxu militarra baztertzea: "Ekintza militarra azken aukeratzat baztertzen duena ari da ahultzen diktadoreen kontra erabili behar den presio maila, eta horrekin ez du gerra urruntzen, hurbilagotzen baizik". Mehatxu sinesgarria beharrezkoa dela, alegia.
Orain, Spiegel eko kazetariek diotenez, askok uste dute Merkel ahul ageri dela bere jokabidean. Batik bat AEBetako senatariek kritikatu diote Putinekin konponbidea bilatu nahia, aurpegiratu diote jokatzen ari dela beste batzuek 1938an Municheko itunarekin Txekoslovakia Hitlerri entregatu ziotenean bezala. Bigunkeriaz jokatuz ez dela gerra urrutiratzen, hurbilagotzen baizik.
Merkelek, ordea, Minsk-IIko negoziaketetan Barack Obamari eskatu zion pazientzia Kieveko gobernuari armak bidali aurretik. "Behin eta berriro ahalegindu behar dugu, horretarako gara politikari" esan omen zion.
"Merkelek beldur dio –diote Berlingo iturri ofizialetatik edan duten Spiegel ekoek– AEB eta Errusia diren potentzia nuklearrek Ukrainan ordezkari bidezko gerra pizteari". Proxy war deitzen zaio horri: bi handiek elkarri gerra egiten diote baina aurretik morroiak bidalita, batzuek xaxatuz Kieveko gobernua, besteek Donbassen Novorossia eraiki nahi dutenak.
Lerrook irakurlearen begietara iristean artean indarrean egongo ote da Minks-II, Debaltsebeko guduak itunaren lehen puntua zalantzan jarrita? Donbassen jokatzen den xake aldian alde guztiek dirudite maniobratzeko tarte gutxirekin eta probokazioetan aurrera jarraitzera derrigortuta. Europar guztiok nozituko ditugu ondorioak. | news |
argia-07eb55a53a06 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/diru-publikoaren-arpilatzaileak.html | Diru publikoaren arpilatzaileak | Juan Mari Arregi | 2015-03-01 | Diru publikoaren arpilatzaileak
Sumatzen zen ustelkeria bazegoela bizitza politiko, sozial eta sindikalean. Orain zenbait kasu azaleratzen ari dira. Baina nekez urtuko den izeberg izugarri baten punta baino ez dira. Interes asko dagoelako hori eragozteko. Kasu gehienak Espainiako Estatuan gertatu dira. Jakin dugu, esaterako, CCOOren bankuetako federazioak 2008 eta 2012 artean 8,3 milioi euro jaso zituela finantza entitateengandik. Alderdi politikoek eta sindikatuek poltsikoak bete dituzte aurrezki kutxen eta erakunde publikoen kontura. Diru-kutxa publikoen arpilatzaileak izan dira, eta Bankia edo Andaluziako EEEak arpilatze horren lehen lerroan daude.
Euskal Herrian, nahiz eta eskala txikiagoan izan, zenbait kasuren berri jakin dugu orain. Kutxabankek Espainiako Gobernuko ordezkari ohi Mikel Cabiecesi soldata ordaintzen zion "borroka antiterroristan" izan duen lanagatik, eta horrek Pandoraren kutxa ireki du. EAJko politikari ohiak (Aurrekoetxea, Zalbidegoitia, Arrieta, Atutxa...), PPkoak (Olazabal) eta PSOEkoak (Buen) zenbait enpresatako administrazio kontseiluetan kolokatu dituzte (Petronor, Zeltia, CAF, CLH...), ondo ordainduta eta Kutxabanken ordezkari gisa. Bestalde, Euskal Herriko alderdi politikoek aurrezki kutxekin zor milioidunak dauzkate hauteskunde kanpainak finantzatu ahal izateko eta hori ez dute sekula itzuliko. Adibide gehiago: Epsilon, Bidegi, Hiriko... Hemen ere badaude, beraz, diru publikoaren arpilatzaileak. Kutxabankek euren hipotekei aurre egin ezin dien familia langileak etxegabetzen ditu; enpresa txiki eta familiarrek bizirauteko kredituaren iturria itxita daukate; eta era berean, zenbait alderdi politikok pribilegio mota ugari dituzte. Kutxak –orain Kutxabank, baina lehenago Nafarroako CAN– euren txoko bihurtu dituzte.
Entitate horien diruarekin ari dira aberasten zenbait politikari eta sindikalista, eta egiazko titularrek arpilatzaileen kontra egin behar lukete. Zeren eta Kutxabankek edota beste kutxek, ezin dute inoren txoko izan, gordailugileenak dira, inolaz ere politikari edota sindikalistenak. | news |
argia-14c3527b59ba | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/josu-martinez.html | "Ihesaldi baten berri duzunean, sinpatia sentitzen duzu protagonistarekiko" | Itziar Ugarte Irizar | 2015-03-01 | "Ihesaldi baten berri duzunean, sinpatia sentitzen duzu protagonistarekiko"
Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak izenpean, hamar lagunen ihesaldiak edo ihes-saiakerak batu ditu liburu batean Josu Martinezek (Bilbo, 1986), Tene Mujika bekaren laguntzarekin. Hamaika behar zuten hasieran, baina hamaikagarren istorioko protagonistak zain duen auzia ebatzi arte bere ihesaldia ez argitaratzeko eskatu zion. Liburua memoriaren berreskurapenerako ekarpen txikia dela dio, "irri batekin irakurtzeko liburua.
Hitzaurrean aipatzen duzu arreta deitu dizula beti ze literatura gutxi idatzi den Euskal Herrian gertatutako ihesaldien inguruan.
Hala uste dut, 50 urte hauetan indarkeria-gatazka delako hori hain bortitza izan da alde guztietatik, mila historia daudela literatura, zinema edo beste egiteko. Gehiena kontatu barik dago eta kartzelako ihesaldiak karamelua dira. Egongo da gauza bera gertatzen ez zaion bateren bat, baina ihesaldi baten berri duzunean, sinpatia sentitzen duzu protagonistarekiko, bihurrikeria bezala hartzen da. Ez da asko idatzi horri buruz, beharbada gatazka oso presente egon den bitartean gaia tabu izan delako. Baita ihesaldiena ere: oraindik preso ugari egonda, izango du bere arriskua.
Kontatu duzun azken istorioa 2009koa da, baina gehienak denboran urrunago daude. Iraganean geratu da kartzelatik ihes egiten saiatzea?
Datu objektiboa da orain preso gutxiagok egiten dutela ihes. Liburuan saiatu naiz gaur egunetik gertuago daudenak ere sartzen, baina errealitatea inposatzen zaizu: ihesaldi gehienak 1970 eta 1980ko hamarkadetan eman ziren. Arrazoi ezberdinengatik izango zen, baina orain ihesaldirik ematen ez bada, ez dut uste presoak saiatzen ez direlako denik. Segurtasun neurriak asko zorroztu dira. Gainera, orain ihes egiteko saiakera bat egongo balitz, askok bake prozesuaren aurkako ekintzatzat ikusiko lukete.
Beste tonu bat erabili duzu liburuan, umoretik idatzi dituzu.
Istorioek horrela eskatzen zidatelako egin dut, hauteman ditudan bezala idatzi ditut. Ez da umorezko liburua. Kontatzen dena oso serioa da, baina irribarre bat onartzen duten istorioak dira, beren gogortasunean.
Idazkera teknika ezberdinak erabili dituzu, batzuetan gertuago kazetaritza-kronikatik, fikziozko eleberritik besteetan.
Gauza horiek askotan idatzi ostean arrazionalizatzen dira. Istorioak hala eskatuta erabili dut modu bat edo beste. Batzuetan nire burua ere sartu dut kontakizunean, komikotasun puntu bat gehitzeko, niri zerbait gertatu zaidanean istorio horrekin.
Zinearekin duzun lotura ikusita, zergatik ez pelikula? Alegia, zergatik liburua?
Liburu hau pelikula eran egitea 30 bat aldiz gehiago kostatuko litzateke dirutan. Ihesaldi bat oso gauza zinematografikoa izan daiteke, baina istorio bat baino gehiago "laburki" kontatzeko formatu ona iruditzen zitzaidan liburuarena. Ez dut hainbeste begiratzen idatziz edo irudiz, garrantzitsuena istorioa kontatzea da. Fikziozko hamar pelikula eder egon daitezke liburuaren baitan, baina ez ditut nik egingo.
Protagonistei bizitakoa kontatzeko nahia antzeman diezu?
Hamar istorio hamar pertsonaia dira eta denetarik dago; zenbaitek xehetasun guztiekin dena kontatu nahi dizute, baina badago garrantzia kendu edo kontatu nahi ez duenik. Jende askoren deiak edo gutunak jaso ditut haien ihesaldia kontatzeko desioarekin, baita liburua argitaratu ostean ere.
Iñaki Pikabea Piti ri galdetu diozu liburuan: Zer esan nahi du preso batentzat ihes egiteak?
Ihesaldi saiakera egoera traumatiko batetik sortzen den zerbait da, haustura bat, ondo edo gaizki atera. Beti gelditzen da hor, baina norberak bere erara digeritzen du. Horrek ere ematen dio aniztasuna liburuari, bestela istorio guztiak berdinak lirateke.
Ihesaldi ezagunagoetan bestelako ikuspuntu bat lantzen saiatu zara?
Bai, esaterako, Segoviako ihesaren kasuan, ez duzu pelikula kontatu nahi. Denek dakiten istorioan, hainbeste ezagutzen ez den zerbait kontatzen saiatu naiz, ihesaldian parte hartu zuten katalanen istorioa kontatuta.
1985eko Martuteneko ihesa kontatzeko, aldiz, Sarrionandiak huts egin ostean jo zenuen Piti rengana.
Ez da dena sinetsi behar, gauza batzuk literatura izango dira agian. Gustatuko litzaidake Sarrionandiak inoiz kontatu ez duena lehen aldiz niri kontatzea, baina beste alde batetik, liburuan ere badiot, zintzoki uste dut berak bere autobiografian idatzi beharrekoa dela. Pertsonaiak duen garrantzia kontuan hartuta, pena litzateke hamar istorioko liburu batean, bost orri inguru baino ez eskaintzea horri. Berak idatzi dezala.
Dena den, Sarrionandiak hitz-atzea idatzi du liburuan, Filosofia apur bat ihesaren inguruan . Ze ekarpen egiten dio?
Oso ondo borobiltzen du liburua. Preso egon eta ihes egitearen alderdi filosofikoagoa lantzen du, nik, tonu jostariarekin, alde batera utzi dudana. Hortaz preso egon den norbaitek idatz dezake ondo. Sarrionandiak liburuaren eskuizkribua irakurri zuenean, agindu zuen hitzaurre bat egingo zuela, baldin eta liburuaren tonu umoretsuari eustea lortzen bazuen. Azkenean askoz testu sakonagoa idatzi zuen, orduan hitzaurrea baino epilogo gisa jarri genuen.
Kontatu dituzun hamar istorioen artean baduzu kuttunik?
Denak idazten dibertitu naiz eta plazera izan da protagonistei entzutea. Bat aukeratzekotan, ordea, IK-koena hartuko nuke. Antolakuntzari dagokionez, apartekoa iruditzen zait, baita pelikula eder baterako ere. Tiro bat bota gabe kartzelara sartu eta bi kide [Maddi Hegi eta Gabi Mouesca] nola atera zituzten espetxetik. Maddi Hegi hilabete gutxira zen kanpora irtetekoa, baina ihesaldian parte hartu nahi izan zuen. Bukaera tragikoa izan zuen, ordea; ihes egin eta gutxira, jendarmeria atxilotzera joan zenean, jendarme bat atzetik korrika zuela, errail batean lotuta geratu ziren eta trenak biak eraman zituen. Uda hasten den egunean gertatu zen, ekainaren 23an, eta poetikoena da Maddi Hegiren guda izena "Uda" zela. Guztiz ezezaguna da istorioa, gainera Maddik ahaztua izateko ezaugarri guztiak zituen: iparraldekoa, emakumea eta IK-koa. | news |
argia-94d108f506a5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/guggenheim-akordio-berria.html | Gasolina garestiago titaniozko barkuarentzat | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-03-01 | Gasolina garestiago titaniozko barkuarentzat
Jendaurrean aurkeztu zenetik bi hilabete pasa dira, eta orduan irakurri ahal izan da zer sinatu zuten datozen hogei urteetarako kudeaketa akordioan euskal erakundeek eta Guggenheim fundazioak. Bilboko museoarentzat zenbait onura ekarri ditu testu berriak, baita bertako instituzioek diru gehiago jarri beharra ere.
Akordioaren gakoak aztertu ditugu.
Ferrari batekin konparatu zuen Bilboko Guggenheim museoa Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Eta Ferrari batek, korri egingo badu, gasolina behar duela erantsi zuen. Arte-espazio batek gastatzen duen erregaia sormena dela pentsatzen baldin baduzu, ez, ez zen horri buruz ari. Diruaz ari zen, Bilboko itsasontzi titanikoaren finantzazioaz.
2014ko abenduaren 3a da, flash eta gorbata eguna Bilbon: museoaren aginte organoan dauden erakundeen ordezkariak –Bilbao, Aldundiaren izenean, eta Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzarenean– irribarretsu agertu dira pinakotekako zuzendari Juan Ignacio Vidarterekin eta Richard Armstrong Solomon R. Guggenheim Fundazioko zuzendariarekin. Akordio inportanteari autografoa jarri berri diote, hogei urterako berritu dute euskal instituzioen konpromisoa New Yorkeko zentralarekin.
Baina zer sinatu den ez da inondik ageri. Orain arteko finantzazioari buruzko daturik ere ez: kazetariek galdetu dutenean zenbat diru eman dioten euskal erakundeek Solomon R. Guggenheim Fundazioari 1994ko kudeaketa akordiotik hona, jarritakoa aise berreskuratu dela esplikatu da, inbertsio arrakastatsua izan dela, baina prezio justurik ez.
2015eko otsailean jakin da, azkenik, hitzarmenak letraz letra dioena, korapiloren bat askatu ondoren: Vicente Reyes PSE-EEko legebiltzarkideak eskatu zuen; hasieran ezetz erantzun zion Jaurlaritzak; eta parlamentuko mahaiaren bitartekaritzarekin eskuratu dute taldeek dokumentuaren kopia, paperean. Atzerapena zergatik? Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak azaldu du otsailaren 6an: akordioa New Yorken berretsi gabe zegoelako, bere esanetan.
Zenbat euro dira 2,4 milioi dolar?
Agertzea kostatzen zaien dokumentuak gorabehera, kudeaketa akordioak zenbaki batzuk utzi ditu agerian, bai orain adostu direnak, bai 2014ra arte New Yorkeko fundazioari eman zaizkionak. Diru kontuetan Bilbo galtzen atera da: euskal instituzioek batez beste 1,7 milioi euro eman izan dizkiote urtero New Yorkeko espiral formako etxeari 1997tik. Aldizkari honek lortu duen dokumentuan irakurtzen denez, aurrerantzean 2,4 milioi dolar eman beharko dizkiote –2.109.982 euro, lerrook idazterakoan bi monetek duten trukearen arabera–.
Zergatik sinatu den akordioa dolarretan eta ez eurotan? Arrazoietako bat izan liteke AEBetako dirua egonkorragoa dela, Baleren Bakaikoa EHUko Ekonomia Aplikatuko katedradunak azaldu duenez. "Azken hilabeteetan euroa izugarri depreziatzen ari da dolarraren aldean. Eta Europako egoera kontuan hartuta, dolarrak berme handiagoa ematen du". Bi moneten arteko borrokan AEBetakoa garaile ateratzen ari baldin bada, Ferrariak euskal erakundeetatik edango duen gasolinaren prezioa dibisa geroz eta garestiagoaren arabera finkatuko al da? Ekonomiak 20 urtean izan ditzakeen gorabeherak aurreikustea zaila da, baina momentuz, hala dirudi.
Ez da diru-ekarpenen atalak daukan iltze bakarra: akordioaren 7. klausulan, zenbat diru eta zein dibisatan zehazteaz gain, kopuru horren "eguneraketa" ere aurreikusten da: AEBetako CPI-U indizearen arabera egingo da, alegia, Estatu Batuetako inflazioak euskal instituzioen ekarpena baldintzatuko du. Zenbat eta garestiago bizimodua AEBetan, orduan eta sos gehiago Euskal Herritik New Yorkera.
Frankizia baino gehiago?
Apustua orain arteko errentagarritasunarekin justifikatzen da. Museoak maila sozial eta kulturalean ekarri duenarekin, baina, batez ere, ekonomikoki izan duen inpaktuarekin. Argudio hori erabili zuen Uriartek Legebiltzarreko kultura batzordean, kudeaketa akordio berriaren lau zutabeak esplikatzearekin batera: oreka, egonkortasuna, Bilbo eta New Yorken arteko kolaborazioan sakontzea eta parlamentuak emandako aholkuen errespetua.
Aitortu zuen Bilboko Guggenheimek etxe nagusiaren "frankizia" itxura daukala 1994ko akordioa irakurriz gero. "Une hartan ez zegoen gauzak bikaintasunez egingo ziren bermerik amerikarrentzat", azaldu zuen, baina orain baietz, lortu dela, eta "menpekotasunetik elkarlanera" pasa direla sinatzaileak. Uriartek esplikatu zuenez, aurreko akordioan idatzia zegoen Solomon R. Guggenheim Fundazioak Bilboko museoa kudeatuko zuela; berriak aldiz, zeregin hori Bilboko museoaren fundazioaren esku geratuko dela dio. Eta antzeko ardura-aldaketak egin dira edukien garapena, aurrekontuen diseinua eta tankerako gaietan.
Baliteke Bilbok frankizia itxura gainetik kentzea, baina edukiei erreparatuz gero, eskuak lotuta dituen bezero baten antza du oraindik hitzarmen berrian. Euskal erakundeek ordainduko dituzte museoaren "kapital-behar eta funtzionamendu nahiz kudeaketa gastu guztiak", egoitzaren mantenua eta langileen soldatak barne. New Yorkeko Fundazioak nagusiki programazio proposamenak eta marka jartzen ditu: urtero aurkeztuko dio aldi baterako erakusketen plan bat Bilbori, honek menuko eskaintzaren artean aukeratu dezan. Eta behin aukeratuta eta New Yorkek aurrekontua bidalita, Bilbok pagatuko du.
Akordioak ez du agintzen Guggenheim Fundazioari zenbat erakusketa kontratatu behar zaizkion, hori aurten berrikustekoa den beste dokumentu batean zedarrituko da, Programazio Artistikoaren Aitorpenean. Alor horretan autonomia handiagoa lortzea zaila izango dela dirudi ordea, Gehryren eraikin barruko funtzionamendu politika "Guggenheim markari lotutako museo bati eska dakiokeen kalitate mailaren eta zerbitzuen araberakoa" izango dela sinatu ondoren. Izan ere, nork esan dezake Guggenheim izenari dagokion nibela zein den, Solomon R. Guggenheim Fundazioaz aparte?
Bilbao-New York-Helsinki… Urdaibai?
Etorkizunean Europan zabalduko diren Guggenheim sareko museo berrien afera ere itxi dute abenduan. Gaiak titular polemiko batzuk utzi zituen 2011. urtean, orduan Jaurlaritzako Kultura sailburu zen Blanca Urgellek publikoki New Yorkeko fundazioari "leialtasuna" eskatu zionean. Helsinkin Guggenheim berri bat zabaltzeko asmoak probokatu zuen eztabaida. Horrelako erabaki batek Bilboko museoaren Europako esklusibotasuna arriskuan jarriko ote zuen galdezka tinta dezente gastatu zen. Gainera, plan horren berri prentsaren bidez izan zuen Urgellek, ondoren Lehendakaritzak informatuta zegoela adierazi arren.
2012an argitu zen euskal erakundeen jarrera: Helsinkiri bai, baina bi baldintzarekin. Batetik, Bilborentzat autonomia handiagoa –hitzarmen berriko hainbat puntutan islatzen dena–; eta bestetik, Europara ekarriko diren erakusketak Euskal Herrian estreinatzea. Datozen hogei urteetarako akordioaren arabera, Solomon R. Guggenheim Fundazioak Bilborekin kontsultatu beharko du beste edozein museo zuzentzeko edo kudeatzeko konpromisorik hartu aurretik, Finlandiako hiriburukoaren salbuespenarekin. Beste hainbeste egin beharko luke Bilboko Guggenheimek New Yorkekin, museo berriren bat martxan jarri nahi balu. Salbuespen batekin hemen ere.
Leku-izenik jarri nahi izan ez dioten arren, akordioak ateak zabalik uzten ditu Urdaibaiko Guggenheim bezalako proiektu bat garatzeko, "hedapen eteneko proiektu" gisa. "Bisualki adierazgarria den paisaia batean" garatuko litzateke museo berria, "Bilbotik kanpo, nahiz eta hiritik urrun ez egon". Pista gehiago behar dituenarentzat: "Kokapen ikoniko batean, nortasun berezia duen lekuan" egingo litzateke; eta, publizitate katalogoko hizkeran esplikatuta, "arte-, natura- eta paisaia-konbinazio bikaina" eskainiko luke "esperientzia berezi batean".
Iazko ekainean deitu zen Helsinkiko museoa eraikitzen hasteko lehiaketa arkitektonikoa, New Yorkeko fundazioak historian konbokatu duen lehenbizikoa; eta aurtengo ekainean jakingo da zein den proiektu irabazlea. Urdaibaikoaren martxa ez dago hain argi. Cristina Uriartek berak aitortu zuen sailburu izendatu eta hilabete gutxira: plana standby dago, egoera ekonomikoa hobetzeko zain. Edonola, Jaurlaritzak eta Aldundiak etorkizunean karta hori jokatzeko modua egin dute abenduan adostutakoarekin. | news |
argia-b36733502e78 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/partikula-subatomikoak-fukushimako-erregaia-bilatzeko.html | Partikula subatomikoak Fukushimako erregaia bilatzeko | Joxerra Aizpurua | 2015-03-01 | Partikula subatomikoak Fukushimako erregaia bilatzeko
Martxoaren 11n lau urte beteko dira Fukushimako zentral nuklearra lehertu zenetik. Ikerlariak bat datoz historiako istripu nuklearrik kutsagarriena izan dela, baina ez dira ados jartzen izango dituen ondorioez. Orain arteko ondorioak ebaluatzea, berriz, zaila da, erradiazioak ez diolako momentuz isurtzeari utzi, nola airean hala uretan.
Fukushimaren kudeaketaz arduratzen den TEPCO enpresak zentrala desmuntatzeko 40 urtetik gora beharko zituela esan zuen; horrek nahiko garbi adierazten du gaurko belaunaldia ez dela gai izango arazoari aurre egiteko. Lerro hauetan inoiz aipatu izan dugu zentrala saiakera zientifikorako gune bilakatuko dela, horrek duen ondorio txar eta on guztiekin. Egia esan, beste irtenbiderik ez zegoen.
Testuinguru horretan kokatu behar da zentralean egindako azken saiakera. Fukushimako hiru erreaktoreren guneak desegin zirela jakina da, baina ez erregaiaren kokapena. Hura ateratzeko edozein ekintza egin aurretik non dagoen jakin behar da, eta horretarako muoi izeneko partikula subatomikoen arrastoa bilatu nahi dute.
Minuturo eta metro koadroko 10.000 muoik zeharkatzen dute Lurra, eta substantzia gutxi batzuekin topo egitean baino ez dira harrapatuta geratzen; uranioarekin eta plutonioarekin, esaterako. Erreaktoreak zeharkatzen dituen muoien presentzia atzemateko detektagailuak jarri dituzte, eta horren bidez erregai puskak egon litezkeen lekuen mapa osatu nahi dute. Teknologia hori sumendi batzuen barne irudia lortzeko erabili izan da, konparazio baterako.
Oraingoz proba bat baino ez dute egingo. Japoniako Gobernuak, badaezpada, aldez aurretik ohartarazi du neurketaren emaitza ez dela perfektua izango. Erregai lagin txikiak ez dira detektatuko, eta beste horrenbeste gertatuko da sakonera handienetan daudenekin. | news |
argia-4d2f62556936 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/irismena-onarpena-eragina.html | Irismena, onarpena, eragina | Mikel Irizar | 2015-03-01 | Irismena, onarpena, eragina
Euskal hedabide asko –tokiko gehienak– euskararen aldeko mugimenduaren bultzadaz sortuak dira eta hizkuntzaren normalizazioan eragitea dute lehentasun. Ondorioz, ahalik eta unibertsalen bihurtzea da haien helburua: zenbat eta herritar gehiagorengana iritsi, orduan eta euskarari mesede handiagoa.
Arrasate Pressek jarri zuen eredua. "Betiko euskaltzale militantea baino gehiengo euskalduna gogoan", abiatu zen aldizkaria, eta bi urteren buruan 7.000 aletik gora banatzen zituen –doaneko harpidetzan– 25.000 biztanleko herrian. Hau da, ia etxe guztietan sartzen zen euskaraz, euskaldunak oraindik erdia inguru zirenean. Eta arrakasta ez zen Arrasatera mugatu: 90eko hamarkadan 50etik gora toki aldizkari sortu ziren, guztiak euskaraz.
Horien irismena neurtu zuen Aztiker-ek 2007an Euskaltzaleen Topagunearen enkarguz hamaika toki aldizkariren esparruan, populazio osoaren lagin ausazko eta handi bati galdetuta. Bertan, "sarbide edo irismenaz" galdetuta, batez beste %50 ingurukoa zen populazio osoarekiko eta %70 ingurukoa elebidunekiko.
Irismen horren kalitateaz –hedabideok lortzen duten onarpenaz– bi datu: hartzaileen batez besteko nota zen 7,5tik gorakoa kasu guztietan; eta %85ak uste zuen ildo editorial plurala dutela.
Enpresa berak 2012an Goienaren gainean galdetuta, ia herritar guztiek (%96,8) eskualdearentzat beharrezkoa edo oso beharrezkoa kontsideratzen dute, baita euskara ulertzen ez dutenek ere.
Irismenak eta onarpenak ba ote dute eraginik euskararen normalizazioaren ikuspegitik? Topagunearen azterketan galdetutako etxeen %84an tokiko komunikabidea zen etxe horretan sartzen zen argitalpen bakarra.
Areago, MUren doktore tesi batek 2013an Gipuzkoako nerabeei galdetu zien ea ikus-entzunezkoak zein hizkuntzatan kontsumitzen dituzten: %14,2 izan zen euskararen batez besteko partea. Baina Debagoienan %39,4 zen, Goierrin %31, Urola-Kostan %26, eta Debabarrenean %21,4. Hau da: toki komunikabideen garapenak zuzenean handitzen du gazteengan ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzeko joera.
Beraz, nire ustez zuzena da erakundeen Euskara sailek aldagai hauei lehentasuna ematea, euskal hedabideen artean diru-laguntzak banatzerakoan. Ebaluazio sistema egoki eta adostu bat behar da orain. Hortik aurrera, sektoreko enpresek dituzten egiturazko premiei edo bilakaerari laguntzea beste sail batzuei dagokie, Ekonomiari edo Berrikuntzari. Ordua da urrats hori egiteko. | news |
argia-3a77f7932066 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/udalerri-euskaldunak-jomugan.html | Euskaraz bai, baina ondoan gaztelania badu | Onintza Irureta Azkune | 2015-03-01 | Euskaraz bai, baina ondoan gaztelania badu
Jo dezagun herriko biztanleen %80 euskalduna dela. Udalak bere jarduna euskaraz egitea lortu du, gaztelaniari aurrea hartuta. Ez da erraza izan, baina herritarrak ohitu dira udalarekin duten harremana euskaraz izatera. Orain badator Carlos Urquijo, Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn, eta dio euskara hutsean ez dagoela aritzerik. Ez ditu eraman epaitegietara gaztelania hutsean ari diren administrazioak.
Aritzeak arazoak dakartza. Carlos Urquijok lan asko dauka, urte luzez gogor aritu direlako beharrean udalak. Euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko neurri eraginkorrak hartu dituzte eta Espainiako Estatua ate ondoan da galga jartzeko.
Gobernu ordezkariak era guztietako eskakizunak egin dizkie udalei. Erabilera planak, hizkuntza irizpideak, kontratazio irizpideak, elebitasun eskaerak, diru-laguntzak... nola ari diren egiten galdetu die. Gaztelania hiztunen eskubideak urratu direla iruditu bazaio, epaitegietara eraman ditu udalak.
Euskararen Legea makulu
Espainiako Gobernua Euskararen Legearen irakurketa zurruna ari da egiten. Udalek ele bitan aritu behar dutela dio. Euskal Autonomia Erkidegoko errealitate soziolinguistiko anitza kontuan hartuta, zenbait udalerritan aurrerapen ederra litzateke udal administrazio jarduna euskaraz eta gaztelaniaz egitea, tokitan delako euskara egoera horretatik. Carlos Urquijoren helburua ordea, ez da euskal hiztunen eta gaztelania hiztunen, guztien, eskubideak babestea. Hala balitz, oporrak hartzeko betarik gabe aritu beharko luke EAEko administrazioei helegiteak ipintzen, euskal hiztunen eskubideak etengabe urratzen direlako.
1982an onartu zen Euskararen Legeak bazuen atal bat zeinaren arabera gune euskaldunetan administrazioak euskara hutsean aritzerik izango zuen. Konstituzio Auzitegiak ordea, atzera bota zuen. Gaur egun, udal euskaldun asko ia euskara hutsean ari dira lanean eta Euskararen Legearen irakurketa murriztaileak epaitegietara eraman ditu. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hala dio: "Pandoraren kutxa zabal daiteke orain. Teorian, Urquijok printzipio konstituzionalak defendatu behar baditu, euskararen ofizialtasuna ere defendatu beharko luke. Baina ari gara ikusten nora jotzen duen: esan digu zenbat udalek ez duten errespetatzen Euskararen Legea, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideei egin dizkie eskakizunak". Euskararen Legea du makulu. Hala ere, Bilbaok gogorarazi du Eurokartari begira diezaiokeela Espainiako Gobernuak, hark dioenaren arabera, administrazio dokumentuek euskaraz balio osoa izango bailukete.
Eta orain zer?
Itxura onik ez du. Zarauzko eta Lasarte-Oriako udalek aldeko epaia izan dute –hizkuntza irizpideetan eta kontratazioetan, hurrenez hurren–, baina Lekeitioko Udalak badu kontrako epaia udal erabakien agiriak Gobernu ordezkaritzara euskara hutsez bidaltzeagatik. Kontseiluko eta UEMAko ordezkariek ez dute itxaropen handirik. Auzitegiak ez dira oso euskaltzaleak.
Eusko Jaurlaritzari udalok babestea egokitzen zaiola azpimarratu dute UEMAk eta Kontseiluak. Bilbaoren ustez, orain bi gauza egin daitezke: Euskararen Legea eskuan epaitegietan defendatzen saiatu, eta horrek aurrerabiderik ez badu Legebiltzarrera eraman. "Jaurlaritzak uste badu Euskararen Legearen irakurketa zurruna egiten ari direla, baina lege horrek berak aukerak ematen dituela, epaiketetan egon beharko luke udalerrien defentsan. Kontrako epaiak egon daitezkeela aurreikusita B plana ere eduki beharko luke. Hau da, baloia Legebiltzarrean utzi behar da eta pentsatu zein moldaketa egin behar zaizkion legeari halako gauzak saihesteko".
Udal Legeak ekar lezakeena
Udalei hainbat eskumen emateko aukerak sortzen ditu Udal Legeak, eta bide horretan euskaldunen eskubideak babesteko. Udalek euskara sustatzeko eskumenik ez dute, teorian, baina praktikan egin egiten dute. Udal Lege proposamenak aurrera egiten badu, udalek euskara bultzatzeko eskumena izango dute. Adibideren batean garbi jasotzen du hainbat agiri mota euskara hutsean egin ahalko dela. Zirrikituak zirrikitu, lege zurruna idatzi dutela uste du Miren Segurola UEMAko koordinatzaileak: "Adibidez, hizkuntza paisaia udal denek ele biz eduki behar dutela dio, ez du interpretaziorako aukerarik ematen. Kataluniako legeak dio 'gutxienez katalanez' egongo dela. Legea onartzeko gehiengoa edukita, ez onartu bihar bertan gure kontra erabiliko den legea".
Udalak epaitegietan
Udalerri euskaldunetako udalek, euskara hutsean ari diren horiek, epaitegietan galtzeko arrisku handia dute. Lekeitioko Udala da aurrekaria. Ezin dute bat eginda borrokatu eta udal asko txikiak dira. Esan dute ekonomikoki epaiketei aurre egitea ezinezkoa izango zaiela. Beraz, aurrera jarraitzea erabakitzen badute babesa eta laguntza beharko dute, eta atzera egitea hautatuz gero itzulpen lanetan hasi beharko dute. Alabaina, euskaraz daukaten guztia gaztelaniara eramatea ez da doan. Dena dela, itzulpen gastua ez litzateke urtetako euskararen normalizazioan emandako atzerapauso nagusia. Udalarekin batik bat idatzizko harremanak normalizatzeko urte asko behar izan dira, eta badakigu, eremu formalean, ele bitan aritzeko aukera emanda zein erraza den gaztelaniazko testuetara jotzea. Bi hizkuntzetan hastea atzerakada handia litzateke.
Bilbaoren ustez, erabaki irmoa hartu duten udaloi aitortza eta babesa erakutsi behar zaie: "Ez diot zentzu paternalistan, egiten ari direna txalotzen dugu. Esan behar diegu ez daudela bakarrik, eta ez direla bakarrak". Kontseiluko komunikazio buru Saioa Rodriguezek ondorengoa gaineratu du: "Orain udalei egokitu zaie erantzukizuna, baina ez da beraiek bakarrik kudeatu behar duten kontua, ardura politikoa duten horiek guztiek dute erantzukizuna".
Hau ez da Urquijoren eroaldia
Ez da Espainiako Gobernuaren ordezkariaren apeta, Espainiako eta Frantziako Estatuek Euskal Herriko hizkuntza neurrietan esku hartzeko duten politika baizik. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak (Carmen Albak) ez du Urquijok duen osperik, hainbesterainoko lanik izan ez duelako. Haren ordez, Nafarroako Gobernua bera ari da. Adibide ona da Baztango Udalarena. UEMAk erabilera planak udalbatzarretara ez eramatea aholkatu zieten udalei, Olaztiko aurrekaria baitzuten. Udalerri hartako hizkuntza irizpideak errekurritu zituen Nafarroako Gobernuak eta epaia kontrakoa izan zen. Baztanen udalbatzarrera eraman dituzte hizkuntza irizpideak, eta Gobernuak helegitea jarria du. Beste udalerrietako hizkuntza irizpideak ere udalbatzarrera eramango balituzte patu bera izango lukete.
Frantziako Gobernuak ere garbi utzi du zein den Estatuko hizkuntza. Bi adibide ematearren, Estatu ordezkari Patrick Dallennesek helegitea ezarri zion Hendaiako Herriko Etxeari, ikastolari eraikin bat uzteagatik, eta Uztaritzeko Herriko Etxea ere epaitegietara eraman du Dallennesek berak, udalean euskara hizkuntza ofizial izendatzeagatik. | news |
argia-30de19709c20 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/luhartza.html | Luhartza | Jakoba Errekondo | 2015-03-01 | Luhartza
Erriberetako izurrite handienetakoa da luhartza ( Gryllotalpa gryllotalpa ). Ondo latina jarri zioten izena: "gryllo" kilkerra eta "talpa" satorra. Bikoitza da luhartza: era berean kilker handi bat eta sator ttiki bat. Euskaraz izen mordoa duela egingo nuke; nik han eta hemen beste bi ikasi ditut: Ziortza-Bolibarren "lur-txakurra" eta Aramaioko Oletan "txir-txir satorra". Jean Baptiste Althabek 1910eko Euskaltzaleen Biltzarrari helarazi zizkion Zuberoako 357 hitzen artean "falphak" azaltzen da. Honela jaso zuen "biltzarreko eskribari Aphez Martin Landerreche" sinatzen duenak: " Falphak: Lurpeko, luharga, luhartz, landaregurijaleak ". Beste bi hitz, beraz, luhartza esateko: falpha eta luharga. Umandi oparoak bere hiztegi mardulean izen mordoa jasoa du, tartean dotore askoak: arrodi, arrogi, arroi, arrubi, arrubio, arrule-arrubio, arruge, lugartz, lur-txakur, erlui, har-txakur, hogeita lauoreneko, hogeita lau orduko, karramarruaga, pio-pio, laur zangotako, otxabarri, otxarrabi, segarora, sikilikitu, arlui, zalmiroi, xabiroi, xaubiroi. Izen batzuk zein baino zein politagoak iruditu zaizkit. Horien nondik norakoa arrazoitzeko ezagut dezagun luhartza.
Kilkerraren antza du, baina handixeagoa da (4-5 zentimetro). Gorri aireko gorputza du, eta karramarroek dituztenen antzeko haginak. Hagin horiek bere bizimoduaren eboluzioaren adierazle ederrak dira: bazkaren bila (zizare, har, txindurri...) lurpean galeriak egiten ditu, satorren antzera, eta landareen sustraiak moztu. Landareak oso-osorik ere epaitu ditzake, ipurditik. Azaltzen den tokietan ez da gauza onik; sustraiak edo landareak ebakiz kalte latzak egiten ditu. Lur fresko, arin eta batez ere harroetan bizi da. Udaberriko gau epeletan arraren kantua entzun daiteke, zatarenaren tankerakoa omen. Lurpeko galerietan, aparteko txokoak eraikitzen ditu, kantuari doinu berezia eransteko, emeen erakargarri.
Trikua, satorra, satagina, arratoia, azeria, araba-zozoa, ipar-belea eta harrapariak ditu arerio. Asia aldean, jendeak ere jaten omen du. Eta zenbait arrainen arrantzan beita preziatua da. | news |
argia-7ab507454e47 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/tripak-burutik-paseak.html | Tripak, burutik paseak | Onintza Irureta Azkune | 2015-03-01 | Tripak, burutik paseak
Letrak eta Tripak zuen izenburua joan den otsailaren 20an Sareinak taldeak antolatutako mahai-inguruak. Literatura eta feminismoa ardatz dituen taldeak letra bidez tripak agerian utzi dituzten hiru idazle bildu zituen Basauriko Marienea emakumeen etxean. Sareinaken zortzigarren urteurrenean, Irati Goikoetxea, Ana Malagon eta Danele Sarriugarte izan ziren gonbidatuak, bakoitza bere liburuarekin – Andraizea; Lasai, ez da ezer gertatzen eta Erraiak , hurrenez hurren–.
Hiru liburu desberdin, hiru idazle zeharo diferente, eta denek haragia ageri-agerian liburuetan. Tripetatik idatzitako letrak bai, baina mahai-inguruan erakutsi zutenaren arabera, bada iragazkirik paperera heldu aurretik. Sarriugarteri irakurle batek esana zion tripetatik hitz egiten duenak ez lukeela horrela idatziko, "zurea oso arrazionalki idatzitakoa da". Ana Malagoni liburuko pasarteek memoria lana eskatu diote, tripak bai, baina denboran jasotako istorioak ere badira.
Irati Goikoetxeak, bera hanketatik zintzilik irudikatzeko eskatu zigun. Tripetakoak ahora erori zaizkio eta hortik atera. Barrutik kanpora ateratzeko beste modu bat, ahoz gora irakurtzea, halaxe egin du Goikoetxeak bere liburuarekin, eta Malagon ere akordatu da berak ere gauza bera egin duela.
Gorputza, haragia, buruaren galbahetik paseak. Sarriugartek esango du burua ere gorputza dela; Goikoetxeak berriz, haren lanean pentsamenduak erabateko presentzia duela. Malagonek dio oso arrazionalki eman daitekeela nazka, adibidez.
Goikoetxeak axaleko presentzia jolastiaren eta sakoneko sentimenduen arteko oreka bila nola ibili den azaldu zigun. Gorputz atalak, lepoa, belarriak, ipurdia… jolasti erabili ditu askotan, isuriak bideratzeko. Jolasean bai, baina inkomunikazioa, bakardadea, beldurra, jakin-mina, hutsunea... transmititzeko. Sarriugartek alderantzizkoa egin omen du bere liburuan, gorputzaren isuriak prozesu fisiologikoen bidez adierazi ditu, desmitifikatzeko eta desromantizatzeko intentzioz.
Liburuan ageri den haragia nolabait multzokatzeko ariketa egin zuen Malagonek, eta lau talde atera zitzaizkion: bortizkeria fisikoaren testuingurua; heriotzaraino daraman gainbehera fisikoa; autogorrotoa gorputzaren kanalizazio bezala; eta gorpuzte ezinaren multzoa, haragi egiten ez diren istorioen multzoa.
Goikoetxeak takoi gainean dabilen emakumearen metafora polita atera zigun liburutik mahai-ingurura. Zer senti dezake takoi gainean dabilenak? Takoirik ez daramana senti al daiteke takoi gainean dabilena bezala? Takoiak behar al dira indartsu sentitzeko, agertzeko? | news |
argia-c687ad7f57a0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/bihotz-sentiberentzat.html | Bihotz sentiberentzat | Montserrat Auzmendi del Solar | 2015-03-01 | Bihotz sentiberentzat
Kontzertu Handien Zikloa
Musikariak: Maria Joao Pires eta Nathanaël Gouin (pianoak).
Egitaraua: Schubert eta Beethovenen obrak.
Lekua: Gasteizko Principal Antzokia.
Data: otsailaren 7a.
Zertxobait enpalagosoa iruditzen zait izenburua, baina egia esan ez nekien nola adierazi joan den otsailaren 7an izandako errezitaldia, Maria Joao Pires eta bere ikaslea den Nathanäel Gouin piano joleena, ez zela entzule arruntarentzat pentsatua.
Obra gutxi, luze eta sakonak, ez dira txalo erraza bilatzen duen egitarau aproposena. Baina Pires ez da artista erraza. Berak ez ditu bilatzen "bravo" zentzugabeak. Musika mamitsua maite du, eta maitasun hori helarazi nahi dio publikoari. Batzuei iristen zaie, beste batzuei, ez.
Giro intimistan, Gouin gazteak hasiera eman zion kontzertuari, bere maisuaren begiradapean. Schubert-en 19. Sonata, do minorrean D. 958 jo zuen. Lan konplexua, iluna, zaila da. Konpositore austriarraren azken obretako bat da eta antzematen dira partituran musikariak bere azken urteetan bizi izandako gorabehera emozionalak. Gouinek irakurketa sentibera egin zuen, oso, eta aldi berean adoretsua. Bestalde, teknikaren aldetik, oso ona.
Jarraian, Maria Joao Piresen txanda izan zen, eta beste lan korapilatsu bat aukeratu zuen publikoa txunditzeko. Beethoven-en 32. Sonata, do minorrean, op. 111 lan modernoa dela esango nuke. Tinbrikoki berezia, forma aldetik zertxobait apurtzailea… Harrigarria. Pires-en interpretazioa ere harrigarria izan zen, oso pasionala eta indartsua. Garai honetako piano jole onenetako bat da eta garbi utzi zuen bere magia ez dela ohikoa.
Saioa amaitu zen lau eskutarako Fantasia fa minorrean D. 940 lanarekin, hunkigarri eta adierazkorra. Sakontasunez interpretatua.
Bis bat ere oparitu zuten: Kurtag-en Hommage à Schubert . Minimalista, delikatua, gutxiengoen gustukoa. | news |
argia-1e2e7125ffcf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/kimuak-film-laburrak.html | Delicatessen mokaduak | Mikel Garcia Idiakez | 2015-03-01 | Delicatessen mokaduak
Zazpi film labur hautatu ditu Kimuak bilduma prestigiotsuak, hemengo lanak munduan barna erakusteko. Euskal Herrian bertan apenas antolatu duten emanaldirik, baina laburretako hiru ikusteko aukera izango da herri ugaritan, Euskaltzaleen Topaguneak martxoan abiatuko duen Laburbiraren baitan.
Erronka handia da A Serious Comedy , Lander Camarero bilbotarraren dokumental faltsua. Nizar Rawi Irakeko zinemaldiko zuzendaria da protagonista, nazkatuta dago zinemaldira ez dutelako inoiz komediarik aurkezten eta beraz, Irakeko lehenengo komedia egiteari ekingo dio, nazioartean herrialdeaz duten irudia aldatzeko esperantzaz. Baina denek ez dute begi onez ikusiko testuinguru latzetan barre egin nahi izatea. Egoera zailetan umoreak duen garrantziaz, eraginaz eta botereaz mintzo da Camarero, salaketarako aukera galdu gabe. Komedia kritikoa baita berea, indartsua eta sinesgarria. Aktibismoari buruzko trilogiaren bigarren emaitza dugu hau; aurretik A Political Story egin zuen, eta hirugarrena prestatzen ari da orain: A Revenge Story .
Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen filmak Urrezko Antzara lortu du Lekeitioko Euskal Zine Bileraren azken edizioan. Ahul eta zapaldu izatera kondenatuta al daude batzuk, ala eskubidea dute haserretzeko, protesta egiteko, eztanda egiteko? Ederki taxuturiko istorioa eta gogoeta dakar oñatiarrak, Nagore Aranburu protagonistaren antzezpen ona lagun. "Uste dut denok edo ia denok sentitu izan dugula noizbait ikusezinak garela eta sentsazio horri heldu nahi izan diot. Batzuk gustura dabiltza gatazka etengabe batean, beste batzuei kontrakoa gertatzen zaie, amore eman eta ikusezin bilakatzen dira, sarri duintasuna kaltetzeraino". Duintasun hori berreskuratu nahi duen emakume baten istorioa kontatu du Arregik.
Ederra da Koldo Almandozen berriena: Hubert Le Blonen azken hegaldia . Motorraren munduan aitzindari izan zen Hubert Le Blonek izandako bizitza eta Donostian abioiez egindako erakustaldia du oinarri, haren emaztearen begiradatik kontatua, modu sinple eta sotilean, artxiboko materiala eta animazioa uztartuz. "Emazteari eman nahi izan diot ahotsa, bikote berezi honen historian ezezagunena delako. Eta azken hegaldia animazio bidez erakustea ederra iruditu zitzaidan, halako ukitu ameslaria ematea", adierazi digu Almandozek.
Bankuei eta bankarien etikari igorritako mezu zuzena eta garbia da Kote Camachoren Don Miguel , motzean narratua. Originala du trazua, Sin City eta komiki estiloa gogoratzen duena.
Asier Altunaren Soroa filmak berriz, Jorge Oteizaren olerki bat du abiapuntu, Deja cada muerto un dedo acusador al cielo , eta surrealismoa dario. Bardeetako paisaia boteretsuek berenganatzen dute ikuslearen arreta; lur idorrek, zeru hertsiek, euri-jasa bortitzak…
Gaztelaniaz dira azken bi lanak. Batetik, Anómalo , Aitor Gutiérrezen obra, prismatikoen laguntzaz pareko bizilaguna zelatatzen duten adineko hiru gizonen istorioa. Umorea eta misterio puntu bat nahasten ditu filmak, eta asmatzen du hainbatetan, baina irregularra iruditu zaigu une batzuetan.
Sailor's Grave lan kolektiboa da, itsasoa gai hartuta mundu osoko hamar artistek irudikaturiko animazio lana. Sormena eta esperimentazioa ditu abiagune eta helburu, eta hain juxtu ohiko zinemagintzatik baino gehiago du arte, sormen eta esperimentaziotik. | news |
argia-1d50fcc36e4d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/lemoatxako-miliziano-errepublikarra-iluntasunetik-argira.html | Lemoatxako miliziano errepublikarra, iluntasunetik argira | Urko Apaolaza Avila | 2015-03-01 | Lemoatxako miliziano errepublikarra, iluntasunetik argira
1937ko borrokaldian hildako Hilario Blanco Reguero barakaldarraren hezurrak senideei itzuli dizkiete. Soinean zeraman txaparen bidez identifikatu ahal izan dute.
1937ko ekainaren hasieran Lemoatxan izandako borrokaldietako batean hil zen Hilario Blanco Reguero barakaldarra. Bere hezurrak eta hainbat objektu pertsonal senideei itzuli dizkiete 78 urteko iluntasunaren ostean.
Ekitaldia Lemoako udaletxean egin zuten otsailaren 21ean eta bertan izan zen hildako milizianoaren arreba Milagros: "Ni jadanik seguru nengoen ez genuela inoiz aurkituko", esan zuen 90 urtetik gorako emakumeak.
Lemoako Udaleko gazte teknikari Mikel Garciak Argiari azaldu dionez, gorpuzkinak 2014ko urriaren 25ean atera zituzten, Lemoatxa inguruan egiten ari diren berreskurapen lanen barruan.
Arazandiko kide Alberto J. Sampedrok metal-detektagailu batekin Euzko Gudarostearen gerriko-belarria topatu zuen lehenik. Ondorengo indusketetan pertsona baten hezurrak azaleratu zituzten, baita beste hainbat objektu ere: larruzko poltsa, bizarra egiteko makina, idazteko luma eta txapa zenbakiduna.
Txaparen datua Euskadiko Artxibo Historikoko informazioarekin alderatu ostean jakin zuten hildakoa Hilario Blanco Reguero barakaldarra zela, UGTko kidea eta 28. batailoiko milizianoa. Seguruenik granada batek jota hil zen eta ahal zuten moduan lurperatu zuten.
Hezurrak senideei emateko ekitaldian izan ziren Saioa Elejabarrieta Lemoako alkatea, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando, eta Pako Etxeberria Aranzadiko auzitegi-medikua. Baita UGT sindikatuko ordezkariak eta makina bat herritar ere.
Ez da lehen aldia Lemoatxan soldadu errepublikar baten gorpuzkinak azaldu direna. 2012ko urtarrilean beste gudari batenak aurkitu zituen Aranzadik, baina kasu horretan ezin izan zuen bere nortasuna zein zen argitu.
Lemoako memoria
Aurkikuntza horiek ez dira kasualitatea izan. Erakunde publikoak eta Lemoatx 1937 elkarteak urteak daramatzate mendi hartan 1937an izan zen borrokaldiko lubakiak azaleratzen auzolandegien bidez. Besteak beste harrizko lubakiak, zolak, balak eta metraila zatiak aurkitu dituzte. Horrez gain, muinoaren gainean dagoen ermita eta gurutze frankistari beste esangura bat eman nahi izan diote.
Lemoatxan borrokaldi gogorra izan zen 1937ko maiatza amaiera eta ekaina hasieran, Bilbo inguratzen zuen "Burdinazko Gerrikora" iristeko postu estrategikoa baitzen muino hura. Faxistak atzera eta aurrera ibili ziren, errepublikarren kontraerasoen ondorioz. Ehunka hildako izan ziren bi aldeetan, horietako asko abiazio naziaren bonbapean. Lemoatx 1937-k orduko gertaerak bizi izan zituztenen testigantzak bildu ditu Lemoako Memoria dokumentalean. | news |
argia-6bfca15d4c0b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/joxe-manuel-odriozola.html | "Bortxaren monopolioa daukanak haren kontakizuna eskutik dauka" | Mikel Asurmendi | 2015-03-01 | "Bortxaren monopolioa daukanak haren kontakizuna eskutik dauka"
Altzo, 1948. Euskara irakasle izana eta saiogile oparoa. Hizkuntza, abertzaletasuna, nazioa eta identitatea nabarmendu dira bere saiakeretan. Bortxaren kontakizunetik, kontakizunaren bortxara (Txalaparta, 2014) da bere azken lana. Gai konplexua bezain kitzikagarria.
Nondik nora bortxa politikoaren gaia lantzeko ideia? Zer dela eta?
Bortxa politikoarekiko interesa irakurritako testu marxisten eraginez izan dut, besteak beste. Euskal Herriko azken matxinoen bortxa –ETAkoena alegia– hasi zen garaian irakurri nuen marxismoa. Bortxak gizartearen instantziak, faktore sozialak, ekonomikoak edota politiko-juridikoak determinatzen ditu. Ideia horrek erakarrita idatzi dut liburua, eta berau idazteak gauza dezente erakutsi dit bortxari buruz.
Hala nola…
Hainbat pentsalariren bidez jasoak nituen intuizioak berretsi ahal izan ditut. Adibidez, Johan Galtung-ek hiru bortxa mota aipatzen ditu: estrukturala, zuzena edota esplizitua, eta kulturala edota sinbolikoa. Horien arteko dialektika asko interesatu zait, eta ETAk armak utzi zituenetik areago, bortxa gora eta bortxa behera darabiltzagu eta. Jakin-min hori neurri batean ase zait eta ondorio filosofiko batzuetara iritsi naiz. Filosofia kritiko baten ikuspegitik landu dut bortxa, edo saiatu naiz behintzat. Alegia, bortxak gizartea, gure jokabideak eta nazio harremanak nola baldintzatzen dituen ikusi dut sakonetik. Bortxa horiek goitik behera eta alderik alde zeharkatzen eta ezaugarritzen gaituzte. Marxisten testuez beste, egungo beste pentsalariek ere berretsi didate hainbat intuizio.
Ondorio filosofikoak aipatu dituzu.
Konbentzimendu batera iritsi naiz: ez dago gizarte ez nazio harremanik bortxazkorik ez denik. Giza harremanak gaindeterminatuak daude – bai politikoak bai ekonomikoak zein juridikoak–, eta ez modu mekanikoan, alegia, badago bortxa fundazionala edo sortzetikoa. Foucaultek dioenez, "nazio batek beste bat konkistatu eta okupatzen duenean, hori ez da inoiz amaitzen".
Biolentzia hitza erabiltzean, indarra, indarkeria edota bortxa darabiltzagu. Zuk bortxa hautatu duzu.
Horrek badu bere arrazoia: indarra kontzeptu neutraltzat hartzen delako. Estatuaren monopolioa dela eta, indarra estatuak darabilen bortxarekin identifikatzen da. Indar hori ematen du elur zuria bezain naturala dela. Elurra egiten badu, zuria behar du eta inor ez da asaldatzen. Estatu modernoak bortxa bereganatu zuen, baita erabili ere, eta naturala edo normalizatua bezala hartua da. Esan dezagun, bortxa hori zentzu komunaren mailako kategoria dela. Inork gutxik pentsatzen du estatuak darabilen bortxa auzitan jar daitekeenik. Diktaduretan, frankismoan hemen, Europako liberalismoak hori auzitan jarri du nolabait, baina gainerakoan zilegi da, legezkoa, elur zuria.
Eta bestea, horren kontrakoa?
Matxinatuek edo iraultzaileek darabiltena, kontra-bortxa alegia, hori elur beltza litzateke, gure kasuan ETAk egin duena. Hori indarkeria da eta terrorismoarekin identifikatzen da. Hau da, badirudi estatuarena ez dela indarkeria. Setienek [Gipuzkoako apezpiku ohiak] idatzi duenez, indarra hauteskundeen bidez ezarritako aginte onartuarena da, bestea berriz, ez. Hauteskundeen bidez hautatua ez da indarkeria, antza. Keria atzizkiaren konnotazio guztia kontra-bortxari itsasten zaio, legitimoa ez delako. Niri, aldiz, nahiko arbitrarioa iruditzen zait indarraren eta indarkeriaren arteko bereizketa, bortxa guztiak bortxa direlako. Justizia edo injustizia, ordena bidegabea edo bidezkoa mantentzeko erabiltzen den indarra bortxa da.
Bortxa kontzeptua determinatzea ez da hain sinplea, beraz.
Oso konplexua da. Bortxak gizarte eta nazio guztiak baldintzatzen ditu, eta gu ere, pertsonak, bortxak eraikitako subjektuak gara. Bortxak hil egiten du. Adibidez, egun hauetan bortxa Ukrainian ikusten ari gara. Gu heriotzaren alde ezkorrarekin geratzen gara, sufrimenduarekin. Aldi berean, atzean, bortxa estrukturala dago, prozesu bat ematen ari da. Nazio indartsu bat nazio etsaiaren lurraldeak desegiten ari da eta beretzat hartzen. Hori berez, bortxa da, lurraldea desegin ahala berea zabaltzen baitu.
Intelektualen pentsamenduez gainera, hedabideetako iritzi-emaileen artikuluak ere aztertu dituzu, baita bortxa pairatu dutenen kontakizunen harian idatzi ere.
Iritzi horiek akuilu izan ditut. Horiek aukeratzea ez da erraza izan, eta aukeraketan ez dago arrazoi berezirik. ETAren su-etenaren ondoren testu asko argitaratu dira, artikuluak gehienbat. Giro horretan biltzen hasi nintzen testuak. Iritzi-emaile horiek euskarritzat hartzea eta haiei leku ematea pentsatu nuen. Batzuetan, beraiekin bat egiten dut eta bestetan kritikoa naiz. 50 urte hauetan gertatuen inguruan nire ikusmoldearekin bat datozenak badaude eta horietaz baliatu naiz nire iritzia zurkaizteko, sendotzeko, baina, ziur aski, alderantzizkoak dira gehienak.
Elur beltza eta elur zuriaren artean ibili zara.
Bai, nolabait. Bigarren hauek bortxaren ikuspegi murriztailea ematen dute nik uste. Bortxaren kontzeptua manipulatzen dute, ulertzen dutelako bortxa dela bakarrik kontra-bortxa erabiltzen dutenena. Hau da, bortxa ekintza soiltzat hartzen dute, ordena eta sistema nazional baten kontra doan bortxa, ETArena, alegia, kontra-bortxak hildakoak eragin dituelako. Horien ustez hemen nagusi izan den bortxa kontzeptua hori da. Elur beltza, alegia.
Elur beltza diozu. Garai batean ETArena ez zen hain beltza izan, ordea.
Egia da hori. ETAren lehen garaiko kontra-bortxa, euskal bortxa deitua, elur beltz hori ez zen hain beltza nonbait. Nahiko zuria zen, antza, eta nahiko legitimatua herritarren aldetik, eta ez bakarrik mundu abertzalean, antifrankistek ere onartu zuten. Hori gaur egun gutxietsi egiten da. Alegia, ETAren historia idatzi nahi badugu, hori aintzat hartu beharrekoa da, zeren eta badirudi azken urteetako ETA baino ez dela izan. Hori barneratu nahi digute, baina iraganean ETAren bortxak legitimazio handia izan zuen. Identitate espainola zutenek ere –ez euskal identitatea aldarrikatu dutenek soilik–, haiek ere bortxa hura ez zuten horren elur beltz ikusi. Estatua diktatoriala zelako, akaso? Dena den, diktadura hark etsai asko zituen, eta testuinguru hartan bortxa zilegitzat jo zen. Hura ez zen indarkeria nonbait, gero bihurtu zen indarkeria.
"Nazio euskaldunaren alde borrokatu direnei" eskaini diezu liburua. Hala ere, horien barnean jardun direnekiko eta bortxa erabili dutenekiko kritikoa zara hainbat pasartetan.
Trantsizio ondorengo aldaketen ondorioz, bi bortxen arteko dialektika eta harremanak aldatzen hasi ziren. Ordura arte estatuaren bortxa "ez-legitimoa" zen, gero Espainiak "estatu omen guztiz demokratikoaren bidez" beste estatus bat lortu zuen Europan. Bortxa ofiziala legitimatzen hasi zen emeki-emeki, eta ETAren bortxa ez-legitimoa bihurtzen. ETAren bortxa bumeran bihurtu zitzaion erakundeari hasteko. Hasieran, aldeko zuen haizea kontrakoa bihurtu zitzaion. Aldaketa eta egoera berri horretan borroka armatuaren erabilerarekin oso kritikoa izan behar da, bestela, Estatuak haren estrategia ondo baliatu baitezake. Espainiakoak ondo baliatu zituen ETAren estrategiak. Borroka armatua galtzen hasi zen, besteak beste, babesten zuen oinarri sozial horrek garbi ikusten ez zuelako, euren helburuak legitimotzat jo arren. Dena den, Joxe Azurmendik dioenez, ETA mugimendu zabala izan da. Ez zen talde armatua soila izan, herri mugimendua zen eta horrek blaitu zuen gizartea. Ez zituen soilik eragile politikoak zipriztindu, mundu kulturala eta sindikala ere blaitu zuen, onerako edo txarrerako. ETAren eragin hori aintzat hartzekoa da, hori ere kontatu behar da.
ETAren borroka armatuak terrorismo kontzeptuaren marra ukitu al du?
Batzuen ustez, bai.
Zure ustez?
Liburuan aipatzen dudan autore batek galdetzen du: "Izurik gabeko iraultza edota kontra-bortxa politikorik posible al da?". Terrorerik eragiten ez duena, alegia. Berak dio bortxak berezkoa duela izuaren osagaia, baita zentzurik onenean eta askatzailearenean ere. Mandelaren adibidea da garbiena. Haren ekintzetan zibilak hil ziren. Erakunde terrorista izan zen berea? Nik ez dut garbi ikusten, beste batzuek bai. Emilio Lopez Adanek [ Beltza ] lerratze terrorista moduko bat ikusi du. Marisol Iparragirre etakideak "guk ez genuen sekula marra hori pasatu nahi izan" dio. Terrorismoa subjektu zibilen aurkako ekintza dela, inplizitua, eta haiek ez zutela ekintza bat inoiz asmo horrekin egin, esan du ere. Asmoarekin ez, baina borroka armatuaren praktikan hori gerta daiteke eta ETAri gertatu zaio behin baino gehiagotan. Lerratze kontzientea izan den? Ez dut uste.
Irabazteko balio badu, bortxa elur zuria bilakatu ahal da?
Edgar Morinek dioenez, batzuetan asmo txarrez ere, irabazteko bada, balio du bortxak. Bitarteko gaiztoek ere ondorio on batzuk izan ditzaketela, alegia. Herbert Marcusek alderantziz dio, "asmo onenaz erabilitako bortxa iraultzaileak ere, justu kontrako ondorioak izaten dituela". Justiziaren alde eginagatik ere, ondorioak ez direla onak, alegia. Bitartekoen eta helburuen arteko kontraesanak handiak dira.
"Kontakizunaren bortxara", dio liburuaren izenburuak. Bortxa ere badago kontakizunean, nonbait.
Noski. Bortxaren monopolioa daukanak hitzaren monopolioa dauka, kontakizunaren bortxa bere eskutik dauka. Historia jakin bat sozializatzen da curriculumen bidez, historia jakin bat eta ez bestea. Betiko kontua da: historia garaileak kontatzen du. Hori egia berdaderoa da. Orain kontakizun asko egongo da, eta bakoitzak bere egia izango du, bere egia txikia, guk gurea. Baina, azken 50 urteetako historia nola kontatuko den eskoletan ba al dakigu?
Bortxaren kontakizunaren nolakoaz ezkorra zara, beraz?
Bai. Orain arte, batez ere bortxaren ikuspegi mota bat azpimarratu da: bortxa zuzena, asaldagarria, odolezko irudien bidez ikusten duguna. ETAren bortxa zuzen asaldagarria bortxaren kontzeptura mugatzen dute. Gainera, ETAren inguruak bortxa hori legitimatu duela diote, ETAren mundu sinbolikoa, kulturala eta ideologikoa azpimarratzen dute. Nagusitu dena elur beltza dela, ez dela naturala, ez dela demokratikoa. Ordea, elur zuria, ordenak ezarritako bortxa, ordena nazionala oso naturala da nonbait. Espainiarekin ditugun harremanak oso naturalak direla diote, berezkoak, atzean ez dagoela inongo bortxarik, ez sortzetikorik ez bestelakorik. Hau da, bortxa ez da inoiz hemen ezarri, hemen espainolek eta frantsesek berezko nagusitasuna daukate, modu naturalean eta logikoan sortua. Nagusitzen ari den kontakizuna bortxaren kontzeptu murriztua da. Gainerako bortxak, estrukturalak nahiz kulturalak, noizean behin aipatzen dituzte, gutxitan.
Historia beti errepikan kontatua.
Bai, garaileak eta garaituak daude, edo horrela agertu nahi dute. Karlistadetan garaituak izan ginen, 1936ko gerra zibilean ere bai. Gerra guztiak galdu ditugu euskaldunok, Orreagakoa ez ezik. Tira, batek daki zer izan zen hura... [irribarretsu].
Historia ez da ongi kontatua.
Herri okupatu batek ezin du ondo kontatu. Herri okupatu batek ba al dauka baliabide ideologiko eta sinbolikorik, bitarteko interpretagarri egokiak izateko? Herri kolonizatuak ahalegintzen dira beren historia kontatzen, baina ez da posible. Berriz, diot, bortxaren monopolioa daukanak hitzaren monopolioa dauka. Foucault-ek dioenez, oso argi, jakintza eta egia produktu sozial eta historikoak dira. Hori ez dago edonoren esku, hori boterearen monopolioaren esku dago.
Hedabide nagusiek egiten duten kontakizunari zer deritzozu?
Kontakizun sentimentalak egiten dituzte gehinbat, biktimenena. Biktimek egiten duten interpretazioa onartzen dut, maila afektibo eta sentimentalean egiteko eskubidea dute. Baina hori kontakizunaren parte bat da, herri honetan gertatu denaren partea. Era horretara, biktimen aldeko mekanismoak eta nola-halako enpatiak nagusitzen dira. Hori egin behar da, baina hemen bi nazioen arteko kontraesan historikoa dago jokoan, bi hizkuntza eta identitate antagoniko daude, espainolak izan nahi ez dugun euskaldunak gaude, oso gutxi, baina bagaude zorionez.
Dilema bat: bortxa estrukturala eta matxinoen bortxa ez dira berdin baloratu behar. Bortxa iraultzaileak ezin du bere burua parekatu instituzionalarekin bere akatsak zuritzeko orduan.
Bai. Yoyes da horren adibide paradigmatikoena. Kontra-bortxa eraldatzailea eta demokratikoa –soziala edo nazionala izan– justiziaren aldekoa edota ezarritako justiziaren kontrakoa baldin bada, zapaltzailearen bortxatik bereizi beharko du. Matxinoak bortxarekiko oso kritikoa izan behar du. Ez du soldadu edo polizia baten jarrera eduki behar. Polizia exekutatzera doa, goiti-beherako agindua betetzen, iraultzaileak justiziaren bidetik joan behar du.
Jesus Mari Zabarte etakide ohiak exekuzio hitza erabili du berriki ETArenak izendatzean.
Bai, hori erabili zuen… Hori ere ulertu daiteke. ETAko militante batzuek "nik ez nuen parte hartu ekintza militar batzuetan, baina ni ere konplizea sentitzen naiz", diote. Beraiena proiektu kolektiboa bezala hartzen dute. ETAko ekintzak komunak izan direla, diote. Kontua ez zen nork egiten zuen, erruduna ez zen exekutatzen zuena. Enpatia morala eta ideologikoa izan da horretan. Sarritan, borroka armatu askatzaileak bere nazioa askatu nahi izaten du, baina tamalez, nazio menperatzaileak kontraesanean sartzen du. Bortxa bitarteko arriskutsua da.
Batzuen ustez, historiaren kontakizuna fikzioaren bidez eginda egokiagoa da. Zer diozu zuk?
Emozioaren eta estetikaren planoan hobeagoa da fikzioa. Hasteko, saiakera zurrunak izaten direlako eta batzuetan aspergarriak. Irakurle askorentzat erakargarriagoa da historiaren interpretazioa modu atseginez barneratzea, nobelaren bidez, kasu. Gero, egokiagoa edo desegokiagoa ote den? Kontakizunaren nolakoaren arabera. Edonola ere, fikzioak nola saiakerak bere mugak dituzte. Saiakeraren gotortasunean informazio lehorregiak ematen dira eta jendeak nahiago du fikziora jo. Harkaitz Canoren Twist nobela adibide ona da, besteak beste. Alabaina, fikzioaren bidezko interpretazioak gehiago lantzen dira plano afektibo, sentimental eta pertsonalean, eta ez hainbeste kolektiboan. Alegia, saiakerak borrokako kontraesanak hobeto agertzen ditu, nire irudipenean betiere.
Saiakera hobesten duzu, alegia.
Kontraesan historikoak dituzten bi nazio eta bi identitate kolektiboen artekoak azaltzeko, terminologiak azaltzeko bai. Fikzioak ez ditu kontzeptualizazio soziologikoa eta historikoa bereganatzen. Ez du bereganatu behar gainera, bere teknikak dauzka modu atseginean eta erakargarrian kontatzeko, baina beharbada zehaztasuna galtzen du. Problematikaren muinera saiakeraren bidez hobeto iristen gara, baldin eta saiakera ona bada. Izan ere, saiakera historiaren zehaztasun zientifikoa izanda ere, espekulatibotik ere badu. Baina espekulazioa ere zilegi da neurri batzuen barruan. Hau da, egia txikiak kontatzen ditugu fikzioan nahiz saiakeran. Eta egia txiki horiekin guztiekin egia handixeagoak osatzen ari garela pentsatu nahi dut. Euskaldunon aldetik esan nahi dut, espainolek berea egiten baitute. Kontakizuna beti subjektiboa da, kontakizun osorik ez dago, inork ezin dezake hori egin. Kontakizun objektiborik ez dago, gertakariak ez direlako berez mintzo. | news |
argia-5bc58679d5b8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/erri-de-luca.html | "Ez naute isilduko" | Ane Irazabal | 2015-03-01 | "Ez naute isilduko"
AHT saboteatu egin behar dela esateagatik kartzelan amaitu dezake idazle italiarrak. De Lucak, ordea, esandakoari eusten dio. Halere, adierazpen askatasunean mugak badaudela uste du.
Ikasketarik gabeko intelektuala, autodidakta, hebreera klasikoaren maitale laikoa eta alpinista; zaila da Erri de Luca (Napoli, 1950) esaldi batean xehatzea. Liburuak idazten hasi baino lehenago obrero, kamioilari eta igeltsero izan zen Fiat-ek gobernaturiko Turinen. Lotta Continua ezker muturreko mugimenduaren militante garaiak ziren horiek, Italiako gazte iraultzaileek Bartzelonako anarkistak inspirazio iturritzat zituzten egunak.
Ondoren hitzak josteari ekin zion, eta bere kabuz hizkuntza zaharrak ikasten eta itzultzen hasi zen. Jiddisha eta hebreera klasikoa ditu geroztik bidelagun. 1989an bere lehen eleberria idatzi zuen: Non ora, non qui (Orain ez, hemen ez). Literatura lehorra, bizitzaren ikuspegi gordina erakusteko. La Parola Contraria (Kontrako Hitza) da De Lucaren azken sorkuntza. Suminduraz idatzitako liburuxka horretan AHTren kontrako sabotajea babesten du, salaketa jarri dion Turin Lyon Ferroviaire kontsortzioaren aurrean. Bere eleberrietan nagusi den lehortasun berarekin erantzun digu.
"AHT sabotatu egin behar da. Artaziek hesiak mozteko balio dute. Hori ez da terrorismoa". 2013an Huffington Post hedabideari egin zenizkion adierazpen horiengatik bost urteko kartzela zigorra eskatu dute zuretzat.
Elkarrizketa horretan adierazitakoa berresten dut. Ziur naiz Turin-Lyon arteko AHT alferrikako egitasmoa dela, eta beraz, bidezkoa iruditzen zait azpiegitura sabotatzea. Val di Susako herritarrek 25 urte daramatzate AHTren kontra borrokatzen, baina ez materialki hau edo bestea eginez, borondatez baizik. Bailarak ezetz esan dio egitasmoari. Badaki mendi horiek amiantoz beteta daudela eta harriak pozoia isurtzen hasi direla. Val di Susako herritarren sabotajea prebentzio borroka bat da, izan ere, ingurumenaren hondamendi bat saihestu nahi dute. Etorkizunean negar egin beharrean suntsiketa ekidin nahian dabiltza.
Salaketan nabarmendu dute zure hitzek "delitu egitera bultzatu dezaketela". Ekintzaile askoren erreferentzia izaki, "irakasle txartzat" jotzen zaituzte.
Hori baino harago doaz. Akusazioak dio nire hitzek eragina izan dezaketela pertsonen jokabideetan. Halere, inork ez dit erakutsi nik esandakoaren eta ekintza jakin baten arteko konexio zuzenik. Lehenik eta behin, ni ez naiz inoren irakasle, eta iritziekin ez dut katedrarik ezarri nahi. Tamalez, nire kontrako sorgin ehiza hasi dute. Plaza publikoa erabili baitut komunitate txiki bateko herritarren borroka defendatzeko. Azken urteetan Turingo fiskaltzak 1.000 prozedura judizial hasi ditu AHTren kontrako ekintzaileen aurka. Horregatik, nire ahotsa isilarazi eta zentsuratu nahi dute. Nahikoa izan da enpresa frantziar batek (Turin Lyon Ferroviairek) salaketa jartzea. Turingo fiskaltzak onartu egin du, artxibatu beharrean.
Zergatik?
Italiarentzat Turin-Lyon AHT azpiegitura estrategikoa delako. Kosta ala kosta egin behar dela dirudi. Horregatik militarizatu dute Susako bailara. Kuriosoena zera da, ordea, ez dela izan Estatua nire kontra altxatu den ahotsa, enpresa pribatu bat baizik.
Salaketan zure iraganari egin diote erreferentzia, legaltasunaren mugan bizi izan zarela esanez. Etsenplua emateko erabakia al da?
Fiskaltzak nire ibilbide guztia zigortu nahi duela dirudi. AHTren kontrako adierazpenak nire biografia politikoaren jarraipena izango balira bezala. Horrek ez du ez hankarik, ez bururik. 1970eko hamarkadan gazte iraultzailea nintzen, mugimendu iraultzaile bateko kide. Orain, ordea, ez dut komunitate bat ordezkatzen. Gizabanako bat naizen heinean, nire buruari bakarrik zor diot leialtasuna. Gainera, 40 urte hauetan idazle bilakatu naiz eta hitzaren erabilera aldarrikatzen dut. AHTren inguruan esandakoak ez du zerikusirik nire iraganarekin.
Hain zuzen, zure azken liburuxkan "kontrako hitza" erabiltzea defendatzen duzu. Adierazpen askatasunari buruz hainbeste mintzatzen ari garen uneotan, askatasun horrek ba al du mugarik?
Bai, noski. Norberaren adierazpen askatasuna bukatzen da besteari min egiten diozun momentuan.
Askoren ustez, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatuak kolokan jarri du modernismo kulturanitza. Amaitu al dira txantxak?
Charlie Hebdo, azken mendeetako mugimendu anarkistaren azken adierazlea da niretzat. Botere faktikoei aurre egiteko lotsagabekeria aldarrikatu zuten. Ez zioten inori edo ezeri kontzesiorik egin nahi. Baina Islamarekiko begiramenik ez izateak iraintzat edo arnegutzat jotzen dute musulman askok. Gaztea nintzenean lau hitzetik behin birao bat botatzen nuen. Adinak arduratsuago bihurtu nau. Ez naiz sinestuna, baina denbora pasa ahala erabaki dut jainkotasuna ez iraintzea, ondoan daukadana mindu dezakedalako. Bestearen larruan jartzea falta zaigu gehienetan.
Arrazoiaren eta fedearen arteko borroka berri baten aurrean al gaude?
Sentimendu erlijiosoa hunkiberagoa bihurtu da azken 20 urteetan. Beroegia esango nuke. Erlijio monoteistetan nabaritzen da hori, Islamean, baina baita judaismoan ere. Kristautasunak, adibidez, barre egiteko edo adarra jotzeko lizentzia onartu behar izan du. Islamean, baina, blasfemiatzat jotzen da hori. Kontziente izan behar dugu, ezin dugu jakingo ez bagenu bezala jokatu. Fedea bizitzeko tenperatura desberdinak daude eta horrek muturreko erreakzioak eragiten ditu.
Haatik, Islamaren barruan atzera bueltarik ez duen gerra bizitzen ari dira, hau da, sekta suni baten (Estatu Islamikoa) eta beste korronteen (gainontzeko sunitak eta xiitak) artekoa. Pariseko atentatuak testuinguru horretan aztertu beharko genituzke. Jainkotasuna, fusilen aurretik doan bandera berria da.
Horren guztiaren aurrean ezkerrak ba al du ezer esatekorik? Europako ezker mugimenduak berpizten ari direla entzun dizut...
Europa hegoaldean, Mediterraneoaren ertzean, jaio diren ezkerreko mugimendu berriak azken urteetako albisterik onena dira niretzat. Greziako Syriza Europako bankuen deriba geratzeko jaio zen. Europako ezkerraren bandera berria bilakatu da Grezia, eta horregatik, babestu egin behar dugu. Italian zailagoa ikusten dut halako mugimendu bat hezurmamitzea, izan ere, haserre hori Bost Izarren Mugimenduak kapitalizatu zuen duela bi urte. Beppe Grilloren alderdiak, ordea, pikutara bidali du mugimendu independente eta ezkertiar bat egituratzeko aukera. | news |
argia-3303d80e446d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2451/arrastoak.html | 6.000 urteko besarkada | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-03-01 | 6.000 urteko besarkada
Grezia hegoaldeko Alepotrypa kobazuloan bi giza eskeleto aurkitu dituzte besarkatuta. K.a. 3.800. urtekoak dira eta George Papathanassopoulos historialariaren arabera, "Neolitoko ehorzketa bikoitzak ez dira batere ohikoak; ziurrenik hau izango da aurkitutako zaharrena". Gainera, bi eskeletoak elkarri besarkatuta daude eta horregatik, 2014an aurkitu arren, aurkikuntza joan den San Valentin egunean aurkeztu dute, hildakoen postura erromantikoa aitzakia, nahiz eta koban bertan beste arrasto ez hain erromantikoak aurkitu. K.a. 3.200ean leizeko sarrera erori egin zen bertan bizi zirenak azpian harrapatuz eta, hala, gizaki helduen, haurren eta enbrioi baten arrastoak ere aurkitu dituzte. | news |
argia-98ac142b5710 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/idinthakaraiko-andreak-dira-nuklearren-aurkako-aitzindariak-indian.html | Idinthakaraiko andreak dira nuklearren aurkako aitzindariak Indian | Pello Zubiria Kamino | 2016-07-03 | Idinthakaraiko andreak dira nuklearren aurkako aitzindariak Indian
Indiak 21 erreaktore nuklear dauzka dagoenekoz argindarra ekoizten zazpi zentraletan, sei gehiago ari da eraikitzen eta agintariek aipatzen dute 2032rako labe atomikoen ahalmena gaurkoena halako sei izatea, erregai gehiena atzerritik inportatu behar izan arren. Ofentsiba horren aurrean zenbait erakunde eta herrik diraute borrokan, tartean Kurdankulam zentralaren ondoan bizi direnek, emakumeak gidari.
Arrantzarako egurrezko ontzi txikiak lehorreratuta dauden hondartzan, milaka jende ur bazterrean protestan, urrutian zentral nuklearra ageri da, jendeen buru gainetik poliziaren hegazkin bat manifestazioa sakabanatu nahian… Neska polit ilehoriak eta furgonetan etorritako mutiko bizardun sendak ez, baina larruazal beltzaraneko herritar txiroak nuklearraren aurka garrasika, ez da "Atomkraft? Nein danke!" dion eguzki irribarretsuaren gerizpean espero zenezakeen matxinada. Indian zaude, eta hemen "Nuklearrik ez, eskerrik asko" oihukatzen dute arrantzale gizonezkoek eta eliza katolikoan babestu diren emakumeek.
Jendeen haserrea eta agintarien erantzun bortitza Amirtharaj Stephenek argazkitan bildu ditu bere blogean: " Koodankulam: A Nuclear Plant In My Backyard ". Argazkilariak aitortzen duenez, gaztetan bera ere ez zen askorik kezkatu atomoaren arriskuez: aitak lan egiten zuenez nuklearrentzako ur astuna –deuterio oxigenoa ere deitua– ekoizten zuen lantoki moderno batean, inolako lanjerrik ez zela irakatsi zioten umetatik.
Amirtharaj Stephen bezala, Kudankulam eskualdeko jendeak ere ez ziren gehiegi larritu ondoan eraikitzen ari zitzaizkien zentral nuklearraz 2011n Japoniako Fukushiman hondamendia gertatu zen arte, lurrikararen eta batik bat ondorengo tsunamiaren indarrez. Kudankulam Indiako beheko muturrean dago, Tamil Nadu estatuan, eta berehala oroitu ziren 2004an itsas bazter hau suntsitu zuen beste tsunami handiaz: zer gertatuko zen uranioz kargatuta aurkitu balu 2011n abian jartzeko atarian zegoen lapiko erradioaktiboa?
Stephenen argazki batean ageri dira milak herritar eliza katolikoaren atarian babestuta agintariek ezarritako setio garaian, bestean gauez kanpaturik –Gipuzkoa Zutikekoek ez dute deus asmatu– hondartzan zentral inguruan, poliziak makilaz sakabanatzen jendeak, emakumea ur bazterrean jaiki ezinik polizien artean, emakume gehiago eliza barruan gose greban…
Protestarik handienak Idinthakarai arrantzale herrian burutu direnez, bertatik kronika bidalia du The Guardian egunkarira Vidhi Doshi kazetariak: " The lonely struggle of India's anti-nuclear protesters " (Indiako protestalari anti-nuklearren borroka bakartia), honela hasten dena: "Emakumeak dira buruzagiak Tamil Nadu estatuan zentral nuklearraren kontrako protestan; baina Indian jende gutxik daki zein herritakoak diren eta bakarrik utzi dituzte beren borrokan".
Ekainaren 6ko kronikan Vidhi Doshik kontatu du nola bost emakumek egun horretan ekin dioten gose grebari eguneroko lanak utzirik. 2011n hasitako txandakako gose grebaren 1.754. eguna zen, Lourdes Matha eliza katolikoan. 73 urteko Celinek esan dio: "Ez dago gobernu bakar bat, ez alderdi politiko alerik ere, gure alde azaldu denik. Andra Marik ez beste inork ez digu laguntzen".
Idinthakarai herrian, Indiako hego muturreko Tamil Nadu estatuan, 1980an hasi ziren zentral nuklearraren kontrako lehen protestak. 1988an Rajiv Ghandi eta Mihail Gorbatxev presidenteek sinatu zuten Sobiet Batasunaren laguntzarekin bi erreaktore eraikitzeko ituna. Sistema sobietarra hondoratzean proiektua linboan galduta geratu zela zirudien arren, berpiztu eta obrak hasi ziren 2002an.
Atomoa arrantzale txiroen hondartzan
Kudankulamen ur astuna eta bestelako gaiak lehorreratzeko kai berria eraiki ostean, agintariek 2008an iragarri zuten beste lau erreaktore gehiago eraiki behar zituztela. 2013an jarri zuten abian lehenbiziko erreaktorea eta 3 eta 4.aren eraikuntza lanak 2016 otsailean hasi. Denetara konplexuan 6,8 GWeko potentzia ekoiztekotan dira. Celinek esan duenez, "nola onartu dezakegu bigarrena abian jartzea lehenbizikoak hainbeste arazo tekniko eman dituenean?".
Narendra Modiren gobernuak agindu du argindarra eramango duela oraindik ez daukaten 300 milioi indiarren etxeetara. Indiak, esku lan merkeari esker ekonomia globalizatuan azpi kontraten artean leku bat lortu duelarik, elektrizitate eske handia dauka. Txina eta AEBez beste inork ez du Indiak adina energia kontsumitzen. 120.000 milioi dolar gastatu du iaz energiazko inportazioetan.
Gobernuak nuklearra aurkezten du energia gosea asetzeko soluziotzat, horretarako antolatu zuen Nuclear Power Corporation of India. Baina inbertsio itzelezko horiek arren, atomoak ez du asetzen indiarren beharren %2 baino.
SP Udayakkumar ekintzaile antinuklearrak dio: "Indiak nuklearretatik lortuko balu behar duen energiaren erdia edo herena, orduan arrazoi bat edukiko zuten aldekoek. Baina hainbeste urtean Idinthakaraikoak bezalako jendeak jipoitu eta zanpatzen aritu ostean, galdetu behar da ea ezertarako balio izan duen".
Atomoaren aldeko temaren sustraietako bat Udayakkumarrek dakusa prestigio nahi batean: "Nori egiten diote mesede zentral nuklear horiek ez bada horiek Indian eraikitzen dituzten atzerriko konpainiei?". Prestigio bila agintariak, energia zentraletik urruneko industriari saldu eta inguruko herritarrak oraindik argindarrik gabe.
1989an Sobiet Batasuna hondoratuta eta 1991n Rajiv Ghandi erahila, 1997an Deve Gowda eta Boris Yeltsinek sinatu zuten proiektu nuklearren jarraipena. Geroztik, Kanada, AEB, Australia eta Japoniak ere hartu dituzte agenda nuklear indiarraren zatiak.
Zalantzarik gera ez dadin, Barack Obamak Indiarako azken bisitan sinatu du itun bat, zeinaren bidez edozein istripuren aurrean konpainia amerikarren erantzukizunak mugatzen diren.
Bitartean, Idinthakarain segitzen dute Kudankulam zentralaren kontrako protestek . Batzuk nazkatu edo nekatu dira, aktibistek herrira arazoak ekarri dituztelakoan, edo etsai indartsuegiri aurre egitea alferrik delako: "Munduko estatu handiak sartuta daude honetan, guk nola geldiaraziko ditugu?".
Beste askok protestak indartu dituzte Fukushimako hondamendiaren ostean. Ordainetan, poliziak gero eta bortitzago jipoitzen ditu . Agindu zituzten garapen proiektuak deusetan geratu zaizkie agintariei, inork ez du inoiz ikusi larrialdiko plan bakar bat.
2011ko irailaren 11n gose greba masiboari ekin zioten Idinthakarai eta Kudankulam herrietan, agintarien bortizkeriari Ghandiren metodoekin erantzuteko. Urteotan poliziek bost herritar hil eta sail handi bat zauritu dute, bestelako zigor administratiboez gain. Vidhi Doshik informatu duenez, ia bost urteren buruan emakumeak txandakatzen dira baraualdian Lourdes Matha eliza katolikoan. | news |
argia-3bfb9ea33beb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/beste-lau-urte-korapilatsu-datoz.html | Beste lau urte korapilatsu datoz | Xabier Letona | 2016-07-03 | Beste lau urte korapilatsu datoz
Espainiako estatuko urdin zabal horrek beltz utzi du etorkizuna, hori da hauteskunde orokor hauetatik atera daitekeen ondorio nagusia. Beltzak izan dira PPren azken lau urteak ikuspegi sozial eta aurrerakoi batetik begiratuta, eta joera bera nabarmenduko da datozen lau urteetan. Gobernu eraketarako zenbakiak korapilatsuak dira oraingoan ere Madrilen, baina bigarren itzuli honek argiago utzi ditu kontuak eta, matematikoki posible bada ere, oso gaitza da irudikatzea PPren gobernu alternatiborik.
Koalizio handiaren gobernuak ere indarra galdu du PSOEk beherantz eta PPk gorantz jarraitzen duten honetan. Emaitza logikoena da PSOE abstenitzea eta PPri Moncloako giltza uztea, honek gutxiengoan gobernatu dezan. Gehiengo osoarekin baino gaitzagoa izango zaio orain kaioari eta gai sozial askotan akaso ez da aurreko legealdian bezain basatia izango, baina oinarrizko gaietan –ekonomia, lurralde antolaketa, Europar Batasuna…– behar adinako sostengua izango du Ciudadanosen eta PSOEren aldetik.
Espainia beltz horretan bi puntu nabarmentzen dira berriz ere, Katalunia eta Hego Euskal Herria, baina hauek ere ez ohiko moduan. Nabarmentze hori beti ikuspegi abertzalekoa izan bada, oraingoan Elkarrekin Ahal Dugu (EAD) nagusitu da bietan, bihotzean Estatuaren logika daraman indar politikoa. Euskal politikaren betaurreko zaharrak ateratzen dituenak, esaterako, esango du "boto espainolista" gailendu dela; betaurreko berriek azpimarratuko dute, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko indarra dela.
Edozein modutan, Madrilen euskal ahots nagusia Elkarrekin Ahal Dugurena da, eta hori sinbolikoki kolpe esanguratsua da ahots hori bereganatu ohi duen EAJrentzat. Iragan abenduan dugu iltzatua begirada, baina ikuspegi historikotik emaitza itzela da EADrena, hain alderdi berria izanik Hego Euskal Herrian horren emaitza ikusgarriak lortzea fenomeno erabat ezohikoa baita; ezin uka, dena den, Espainian indar berriak lortutako emaitzak hemengo arrakasta iluntzen duela, logika estatalista duen indar batean normala den moduan. Eta hala ere, garaipenak erraldoia izaten jarraitzen du: EAEn lehen indarra bototan eta eserlekutan, –Bizkaian EAJren aurretik!– eta Nafarroan bigarren indarra, UPNtik gertu. 2011n inork ezingo zukeen halakorik irudikatu.
Nafarroako aldaketaren gobernua eratu ahal izateko Ahal Dugu giltzarri izan zen, eta orain bera da honen sostengu garrantzitsuena. Hala ere, aldaketaren perspektibatik, emaitzek irudi gogorrak utzi dituzte Nafarroan: abenduko emaitza berdintsuak dituzte UPN-PP, PSN eta C's-ek (2.000 boto gehiago orain), baina aldaketaren gobernua sostengatzen duten indarrak baino 40.000 boto gehiago.
EH Bilduk ez du asko galdu erresuma zaharrean, baina eserleku bat buruan duenarentzat 3.000 boto gutxiago erdiestea etsigarria da. Zeresanik ez botoen erdia galdu duen Geroa Bairentzat; argi da ez direla hauek filosofietarako garaiak. Ados, ezin dira hauteskunde motak konparatu, baina zenbakiak hor dira, nahi diren irakurketak egiteko. Aldaketaren Gobernuari irudi latza geratu zaio: Uxue Barkos lehendakariaren alderdiak botoen %4,28 du. Ez da erraza izango bere alderdiak adinako sostengu txikia duen gobernu lehendakaririk aurkitzea.
Ezpal ugari atera daitezke hauteskunde hauetatik, baina merezi du arreta jartzea EH Bildurengan berak jarraitzen duelako izaten galtzailerik handiena. Bazuen iragan abenduko ataka larritik ateratzen hasteko esperantzarik, baina ez da halakorik izan. Ez enfoke sozial handiagoak, ez hautagai aldaketek, ez Abianek, ez Arnaldo Otegik, ezerk ez du eragotzi zulo beltzak gehiago irenstea: ostera ere 35.000 boto galdu ditu (2011n 333.000 eskuratu zituen, abenduan 219.000 eta orain 184.000). Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako botoak bestelako joera izaten du, baina ezin uka EH Bildurena moduko joera oso arriskutsua dela edozein alderdiren etorkizunarentzat. | news |
argia-476cd5698f09 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/karel-sterckx-argiakoa.html | Euskal Herria ulertzeko euskaraz ikasi duen flamenkoa | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2016-07-03 | Euskal Herria ulertzeko euskaraz ikasi duen flamenkoa
Lagun bat baino gehiago du ARGIAk Euskal Herritik kanpo. Karel Sterckx da horietako bat, 38 urteko flamenkoa. Hamabost-hogei urte izango dira euskara ikasten hasi zela eta aspalditik ezagutzen du gure proiektua. Baina nola iristen da flandriar bat gure herriarekin eta gure hizkuntzarekin horrelako harremana izatera?
Volksunie Flandriako alderdi autonomistaren gazteriaren nazio-batzordeko kidea zen Sterckx 90eko hamarkadan, nazioarteko harremanetako zuzendaria, hain justu. Bazuen, beraz, Euskal Herriarekin traturik. Lizarra-Garaziren eta Irlandako bake prozesuaren garaiak ziren eta orduan mutikoak sentitzen zuen Euskal Herriarekiko eta Ezker Abertzalearekiko gertutasun bat. Gainera bazen Donapaleun bizi zen Flandriako apaiz bat, eta hark bi urtean behin Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festa antolatzen zuen. Hala, gerturatzen joan zen, eta piztu zitzaion Euskal Herria ezagutzeko gogoa.
Nola ezagutu, ulertu benetan herri bat, ordea, bere hizkuntza jakin gabe? Karelek ezagutu nahi zuen Euskal Herrian zer gertatzen zen, eta horretarako euskaraz publikatutako testuak irakurri nahi zituen, itzulpenen edo beste hizkuntzetan gureaz idatzitakoen beharrik izan gabe.
Autodidakta hasi zen bere lehen hitzak ikasten Assimil metodoaren Le Basque Unifié liburuxkarekin, eta entzumena garaiko euskal musikarekin landuz. 2003an Lazkaoko Maizpide barnetegira etorri zen eta lazkaotarren artean murgildu zen, behin euskara menderatzen hasita Ordiziako Herriko Tabernan lanean hasi zen arte. Denboraldi bat pasata itzuli zen berriz Flandriara, euskara ikasita.
ARGIAko harpidedun egin da orain bizpahiru urte, lehendik ezaguna badu ere. Dio ARGIA proiektuaren independentzia, aniztasuna, aberastasuna gustatzen zaizkiola eta horregatik egin zela harpidedun. Euskal Herriko gaurkotasuna jarraitzeko eta bere euskara maila mantentzeko balio dio Karel Sterckxi ARGIAk. | news |
argia-da974e3aa22b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/kontzertua.html | Amaiera argitsua | Montserrat Auzmendi del Solar | 2016-07-03 | Amaiera argitsua
Joan zaigu aurtengo Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldia. Benetan denboraldi gozagarria izan da, eta era berean, luzimendu gehiagorekin jo zuten azken saioan. Osagarri guztiek sortu zuten jakin-mina: Juraj Valčuha zuzendariak, Turingo RAIren Orkestra Sinfoniko Nazionaleko zuzendaria hain zuzen ere, Jennifer Koh biolin jotzaile estatubatuarrak, oso txalotua bere jaioterrian, eta egitarau kuttunak.
Leonard Bernsteinen Serenade obrak, tinbrika zoragarria izateaz gain, badu barruko kutsu intelektual bat. Esaten da konpositoreak lan hau egin zuela Platonen Oturuntza irakurri ondoren eta, horrela, Greziako bost pertsonaia ospetsuren maitasunari buruzko ideiak islatzen dira obraren bost mugimenduetan. Esan bezala, orkestrazio dotore eta delikatua du biolin eta orkestrarako maisu lan honek. Bakarlari gisa, Jennifer Koh biolin jotzailea aritu zen, eta publikoa zoratu egin zuen. Talentu ikaragarria du andre honek, eta jotzeko era biotuosistikoa, zalantzarik gabe. Halere, saio honetan, hotz utzi ninduen. Kapazitate tekniko eta, noski, interpretatzeko gaitasun aparteko horretatik ez ninduen gehiegi ukitu.
Saioaren bigarren zatian, XX. mendeko sinfonía zoragarrienetako bat oparitu ziguten Euskadiko Orkestrakoek: Sergei Prokofieven 5. Sinfonia si bemol maiorrekoa, op. 100 hain zuzen ere. Lan oparoa da alde guztietatik. Erritmika eroa, tinbrika guztiz distiratsua; obra disfrutagarria da goitik behera. Valčuha zuzendariak jakin zuen mugimendu bakoitzari berezko karakterea ematen. Lehenengo mugimendua, Andantea heroiko eta noblea iritsi zitzaigun; bigarrena, Allegro moderatoa, aldiz, jostalari eta ironikoa; Adagio hirugarren mugimendu lirikoan ederki islatu zuten crescendo makabroa, eta azkenik, Allegro giocoso bukaerako mugimendua, koloretsu, erritmiko, eta Prokofievek hainbeste maite zituen disonantziez betea entzun genuen. Nabaria da Juraj Valčuhak ezagupen sakona duela Prokofieven soinu munduaz. Halaxe frogatu zuen saio eder honetan eta halaxe gozatu genuen. | news |
argia-3d4990493664 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/haize-bohemio-landuak.html | Haize bohemio landuak | Julen Leuza | 2016-07-03 | Haize bohemio landuak
Ohikoa da kurtso amaieran, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren programaren barnean, kontzertu bat kontserbatorioko orkestrak ematea. Aurten erronka ez zen makala: J. Brahmsen Haydnen gai baten gaineko bariazioak, Bizeten Carmen, lehen suitea, eta Dvoraken 8. sinfonia.
Orkestra, kontserbatorioko ikaslez osatua eta Nafarroako Orkestrako errefortzu frankorekin (sokan batez ere, haizean tronpak soilik). Zuzendari lanetan Vicent Egea valentziarra, kontserbatorioko banda eta orkestra irakaslea eta La Pamplonesa udal bandako zuzendaria.
Brahmsen Haydnen gai baten gaineko bariazioak lanak eman zion hasiera emanaldiari. Momentu batzuetan deskoordinazio arriskuak sumatu baziren ere, orkestrak obrari eutsi zion zortzi bariazioetan. Indar falta sumatu zen maiz, bereziki biolontxeloetan, soka familiako besteen azpian geratu baitziren. Haize-egurra fin. Konpositore alemaniarrak hau bezalako piezekin ongi demostratu zuen klasikoen lengoaia eta estiloa menperatua zuela, eta hala sumatu ahal izan genuen guk. Keinu polita, austriarra imitatuz amaierako akordea sarritan (ohi baino gehiago) egitea.
Georges Bizeten Carmen, opera frantziarraren lanik garrantzitsuena eta historiako operarik ezagunenetariko bat da. Operaren zati instrumental nagusiekin Ernest Guiraudek bi suite egin zituen orkestrek errezitaldietan jo ahal izateko. Kontserbatoriokoak lehena eman zuen Baluarten. Orkestrazio fresko eta folklore ukituei ezinbesteko faktore bat batu zitzaion: gai aunitz sobera ezagunak zirela publiko guztiarentzat. Haize metala gainetik geratu zen pieza batzuetan (akaso gainontzeko orkestraren indar faltagatik), baina bestenaz ongi, nabari zen aspalditik prestatua zegoela. Intermezzoak eman zuen emanaldiaren momenturik goxoena, preludio-Toreador gaiak amaiera ederra eman ziolarik lehen zatiari.
Atsedenaldia eta gero, pastelaren zatirik garrantzitsuena. Antonin Dvoraken 8. sinfonia sol maiorren. Aitortuko dut sentikortasun berezi bat dudala Dvorakekin. Maite dut orokorrean XIX. mendeko bigarren erdialdeko Europa eta Errusiako konpositore askoren folklore eta musika tradizionalean oinarritutako lana (Bela Bartokekin muturrera iritsiko zen joera), eta Dvorakek sinfonia eta dantza eslaviarretan lortu zituen emaitzek beti txunditu naute. Bere lurraldeko (Bohemia, gaur egungo Txekia) musika eta melodia tradizionalak garaiko estilo erromantikoarekin ezin hobe uztartu zituen, orkestraziorako talentu ikaragarria beti lagun.
8. sinfonia Amerikako Estatu Batuetan 9. famatua estreinatu baino hiru urte lehenago konposatu zuen, Europan oraindik. Luzea izan gabe (40 minutu motz), lau mugimenduetan energia, sentsibilitatea, indarra eta melodia ikaragarri onak (buruan ordutan izaten ditugun horiek) jaso genituen, haize tradizional nabariaz lagunduak. Orkestra, askoren harridurarako, oso fin. Oraingoan txeloak indar handiagoz (bateren bat gehiago balitz, hobe), biolinak energia biziz eta kalitatezko egur eta metal sekzioak. Orkestra tradizional handiek (Berlin eta Vienako filarmonikoak bereziki) beti tronpetak bikoiztu egin dituzte hau bezalako obretan, bolumena eta indarra ikaragarri handituz. Kasu honetan ez zen hala izan (bi tronpeta ziren soilik), baina ongi erabakia, orkestra ez baitzen bolumen maila horretan mantenduko. Atzean zegoen lan handia agerian geratu zen egun horretako interpretazioarekin. Xume, baina duin.
Merezitako txalo zaparradaren ondoren, Carmen operaren preludioa errepikatu zuten bisean, saioari akabera emanez.
Badakigu non gauden. Badakigu Nafarroako Orkestra Sinfonikoa ez dela Euskadikoa, eta kontserbatorioekin berdin gertatzen da. Hala ere, poztasun handia da horrelako sorpresak jasotzea, musika orkestralak hain garrantzi gutxi duen hiri honetan horrelako saio on bat entzutea, eta gozatzea. Hala bedi hemendik aurrera. | news |
argia-e5a55b787f09 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/josep-maria-esquirol-la-resistance-intimoa-hori-bai.html | "Eguneroko bizitza bigarren mailako gauza bihurtu da" | Aritz Galarraga | 2016-07-03 | "Eguneroko bizitza bigarren mailako gauza bihurtu da"
Filosofia garaikidean aditua da Esquirol, Universitat de Barcelonako irakaslea. Publikazio ugari atera du gaiaz; baina azkenak egin du, publiko zabalago baten begietara behintzat, ezagun: La resistència íntima. Giza izaerari buruzko hausnarketa, gertutasunaren esperientzia bat proposatzen du, egunerokoarekin harreman estua duena.
Erresistentzia aipatzen duzu izenburuan. Zeri baina?
Sakabanatzaile, higatzaile den gauza orori, galbidera garamatzanari. Giza izaerarekin zerikusia duten faktoreak dira, batetik: babesik gabe gaude, egurats gorrian. Keinu natural ulergarria da, beraz, geure buruari babes ematea, sakabanaketa horri aurre egingo dioten eremuak sortzea. Eta, gero, gizartearen araberako faktoreak daude. Horien aurrean erresistentzia jarrera izatea komeni da. Faktore sozial horiei izena ematen diet nik: aktualitatea.
Aktualitatearen nagusitasuna.
Teknifikazioarekin zerikusia duena, baina ez da bakarrik teknifikazioa, ez da berezko arazoa. Aktualitatea oso aldakorra da, adi egon behar gara etengabe. Dena zurrupatzen du, baina era berean dena higatzen, oso iheskorra baita: ez du ezer egonkortzen, ez dio esperientziari leku egiten. Aktualitatea da faktore higatzaileetako bat, xurgatuta-edo gauzka, eta on baino gehiago egiten digu kalte.
Alienazio modutzat duzu, inoizko eraginkorrena.
Aginte eraginkorrenak nabarmendu gabe gertatzen direnak dira, inor ohartu gabe. Aginte bat ikusgarri denean seinala daiteke; menderatzailea izan daiteke, noski, baina bila dezakezu estrategiaren bat erabat harrapa ez zaitzan. Aldiz, aginte sotilagoek erabat hartuta zaituzte batzuetan, eta ia ez zara ohartu ere egiten. Zentzu horretan, aktualitatearen aginte moduko bat dago, eraginkortasun tiraniko izugarria duena.
Erresistentzia jarrera nolakoa da?
Erne egotea eskatzen du, esna, sakabanaketak inbadi zaitzan ez uztea. Jarrera hori, ordea, ez da proiekzioaren, proiektu baten lantzearen aurkakoa. Elkar elikatzen duten bi mugimendu dira: erabakiak hartzeko, abenturak izateko jakin behar da zeure baitara biltzen, babesean jartzen, epelera itzultzen. Existitzea da kanpora ateratzea, baina babesteko aukera dagoelako atera zaitezke kanpora. Erresistentzia da, beraz, existentziaren baldintza.
"Intimo" hitza ere agertzen da izenburuan. Baina ez barrukoa, baizik eta gertukoa.
Barrua eta kanpoa, dikotomia hori murrizketa bat da. Aldiz, "intimo" harago doa, eta gertuko, hurbil, familiako esan nahi du. Hurbiltasun jarrera bat adierazten du: eremu intimoak, familiartasun esferak, zuk zeureganatu dituzun horiek dira; ez jabegoaren ikuspuntutik, baizik eta identifikazioarenetik. Zure gelako leihotik ikusten duzun paisaia, pertsona gertukoenak –odol lotura izan edo ez, noski– eta abarrekoak.
Etxea, adibidez. Bachelardek zioen: "Etxe txiki bat behar dugu etxe handiaren barruan".
Zerk egiten du etxea etxe izatea? Leku goxoa dela, abegikorra, biltzeko, berregiteko, suspertzeko aukera ematen duena. Konfiantzaren berreskurapena ahalbidetzen du. Bildu beharra dugu indarra berreskuratzeko. Etxeak hori ematen dizu, ez paretek, bertan dagoen giza berotasunak baizik, elkarri ematen diogun berotasunak. Etxea besteak dira, eta zu zeu, denon artean gauzatzen den artikulazio hori.
Eguneroko bizitza, ez dakit filosofia garaikideak aski azpimarratzen duen.
Filosofia garaikideak ez du enfasi handirik jarri egunerokotasunean, bizimodu soilenean. Bada pentsamendu lerro bat, erromantizismoak, existentzialismoak ibili dutena, zeinak dioen garrantzitsuena erabakiak hartzea dela, zeure burua proiektatzea. Eta eguneroko bizitza bigarren mailako gauza bihurtu da, grisago, homogeneoago, inpertsonalago. Ez nago ados: eguneroko bizitzaren aspektu asko, ohiko keinu direnak, oso sakonak izan daitezke.
Soila dena, nondik begiratzen zaion, goren izan daitekeela, alegia.
Badira eguneroko bizitzaren gauzak, keinuen errepikapenarekin zerikusia dutenak, agurrak, janaria prestatzea, mahaiaren bueltan jartzea, ondo begiratzen badituzu, berebizikoak direnak. Askotan automatismoak iruditu arren, hazka egin eta gure izatearen zera sakonak erakusten dizkizute. Eguneroko bizitzari erne begiratuta, aspektu horiek deskubritzen dira, denok bizi baina sarri ohartu gabe pasatzen direnak.
Eta zer erantzun konkretu eman faktore higatzaileei?
Memoria eta imajinazioa. Memoria erantzun bat da, denbora iragateak dakarren higaduraren aurrean: dena pasatzen da, baina zerbait gogoratzen saiatuko naiz. Memoria etxe bat da, beraz. Eta babesten gaituzten figurak sortzen ditugu imajinazioarekin; irudi poetikoa, adibidez, kontsolagarri zaigu, babesten gaitu bizitzaren zailtasunengandik.
Akaso ez daude beren onenean.
Gaur dena da informazio trukea, hizkera hotz, funtzional, teknikoa. Eta irudiaren erresuma, publizitatearekin lotzen duguna, irudien inbasio hori. Sorkuntza poetikoaren antipodetan daude, noski, ez dute irauteko funtziorik. Babestuko zaituen gauza bat bilatzen baduzu, ordea, nahi duzu irautea, beroki bat, etxe bat, hitz batzuk, sakabanatzeari aurre egiteko horrela. | news |
argia-7c7cd9f1fe99 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/iparraldeko-kooperatibak.html | Sortu, iraun, aldatu | Urko Apaolaza Avila | 2016-07-03 | Sortu, iraun, aldatu
Eraldaketa sozialaren inguruko eztabaida bero-bero dago Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan oro har. Hitzen gibeleko esanahia zein da? Dena ez da eraldatzaile, dena ez da sozial. Gurean kooperatibek izandako bilakaerari errepasoa egin dio Xabier Itzainak Lanki ikertegiaren Kooperatibagintza Topaketetan. Bere ustetan, gizarte ekonomia indartzen ari den fase berri batean sarturik dago.
"Berrikuntza sozial guztiek ez dute gizarte eraldaketa ekartzen, dependitzen du hitzen gibelean zer ezartzen den". Horrelaxe laburbildu du Xabier Itzaina Bordeleko Unibertsitateko ikerlariak egun ekonomia eraldatzailearen baitan dagoen eztabaida nagusietako bat. Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiak ekainaren 3an Eskoriatzan antolatutako IV. Kooperatibagintza Topaketetan hitz egin zuen Itzainak.
Topaketek kooperatibagintza eta eraldaketa sozialaren arteko harremana aztertzea zuten helburu, eta bi mundu horietan dabiltzan eragileak elkartu ziren. Xabier Itzainak antropologiaren arloan duen esperientzia baliatu zuen azaltzeko badaudela zuzenki ekonomikoak ez diren arrazoiak garapen ekonomiko eraldatzailea ekar dezaketenak: "Guk lurralde erregimena deitu diogu". Bere hitzetan, lurralde bateko eragileen artean dagoen konfidantza, erregulazio ekonomiko eta politikoa, eta arazo publikoak definitzeko parte-hartze maila funtsezko dira "tokiko garapena" gizarte ekonomiaren ardatz bihurtzeko. Premisa horrekin, Iparraldean gizarte ekonomiak izandako ibilbidearen irakurketa egin du ikerlariak, eta hiru fase bereizi ditu: sortu, iraun eta aldatu.
Sortu: euskal mugimendu kooperatibista
70eko hamarkadan hasten da Ipar Euskal Herrian gizarte ekonomiaren "ziklo modernoa", Itzainaren aburuz. Noski, hori baino lehen ere bazen: XX. mende hasierako txuri eta gorrien –klerikal monarkistak eta antiklerikal errepublikarrak– arteko lehian sorturiko sareak, baserritarren auzolana, edo arrantzale kooperatibak.
Nolanahi ere, duela 40 urte kooperatiba mugimendu berria hasi zen eraldaketa sozial helburu argi eta garbi batekin; enpresa horiek sortzea ez zen erabaki "arrazionala" izan ekonomiaren ikuspegitik: "Beti adibide bera jartzen dut, baina hala da, altzari kooperatiba baten sortzaileak erraten zidan: 'hastapenean, 1982an sortu genuenean, baginen 40 langile eta geure artean inork ez zekien karrera bat ere egiten, baina lehen motibazioa zen lana sortzea herrian'". Hain zuzen ordukoa zen lana herrian lelo ezaguna.
Ipar Euskal Herriko langile kooperatibek mugimendu sozialtzat zuten euren burua, baina Hegoaldean Mondragonek kooperatibismoa modu integratuan garatzeko emandako pausoei beha beti ere. Horrela sortu zen 1982an Lana elkartea, bere araudian "euskal mugimendu kooperatibista" gisa definitzen zena. Bestalde, 1979an Hemen elkartea sortu zen eta 1980an Herrikoa sozietatea, aurrezki herrikoiak bultzatzeko.
Itzainak azaldu duenez, euskal nortasunak badu leku handi bat mugimendu horretan: "Ez euskalduntasun idealizatu bat baizik errealitateari errotua". Horri esker Hego Euskal Herritik laguntzak jasotzen hasiko dira kooperatiba proiektuak, eta Frantziar Gobernuak aurka jotzen duenean mobilizazio garrantzitsuak egingo dira finantzaketa horren defentsan. Tokiko garapena arazo soziopolitiko bezala ikusten hasia zegoen beraz. Hegoaldeko ideia batek indarra hartu zuen gainera: barnealdearen industrializazioa. "Sinplifikatzeko –dio Itzainak–, Iparraldeko abertzaleek beren lurraldea azpigaratua bezala ikusten zuten".
Iraun: lurraldearen lehen ezagupen ofiziala
80ko hamarkadan kooperatiba batzuek iraungo dute, beste batzuk ordea desagertu egingo dira. Sare txikia izaki, enpresa garrantzitsu batzuen porrotak trabatuko du mugimendua, hala nola 1985ean Arrosako Denek altzari fabrika ixtea. Faktore ekonomikoak daude atzean, baita tentsio politikoa ere. Asko gogoratuko dira 1984an Denek, Alki eta beste zenbait lantegi kiskali zituela suak, GALek errefuxiatuen kontra aldarrikatutako erasoetan.
Frantziako Estatuak kooperatibekiko zuen ikuspegiak ere ez du lagunduko. 70eko hamarkadan langabeziaren aurkako tresna bezala hartzen dira, bada 80koan beste elkarte batzuei emango zaie funtzio hori. Tokiko garapenaren arloan, ordea, gogoeta zenbait bultzako ditu Estatuak eta horien ondorioz sortuko dira lurraldeari lehenbizikoz ezagupen ofiziala emango dioten hainbat erakunde. Itzainak Garapen Kontseiluari jarri dio arreta: "Interesgarria da ikustea gizarte zibila ordezkatzen duen erakunde horretako lehen lehendakari eta zuzendariak kooperatiben mundutik datozela. Beraz, kooperatibetako jendeak beti tokiko garapenaren problematizatzearen bihotzean daude".
Ramuntxo Kanblong dugu horietako bat, 1975ean Copelec Ipar Euskal Herriko lehen kooperatibaren sortzailea, 1994an Garapen Kontseiluko presidente egin zuten eta honela azaldu zion ARGIAri garai berean: "Enpresak kanpotik etortzen ziren eta Frantziako garapenari esker bizi zen Iparraldea. Eta hori izan da garrantzitsua, hemengo jendea bera hasi dela gauzak sortzen, garapen endogenoa behar baitzen".
Aldatu: mugimendu sozial berriak
Xabier Itzainak dioenez badira 10 urte gizarte ekonomia Iparraldean beste fase batean sartua dela, eta joera hori indartzen ari da gainera. Hori erakusteko mugimendu sozial berrien ekarpena nabarmendu du.
Azken hamarkadan ekimenak etengabe sortu dira finantza solidarioan, emazte eta gazteek enpresak sortzeko, laborantzan… 2005ean Euskal Herriko Laborantza Ganbara sortu izana itu bat izan zen, eta berrikiago euskal moneta abiaraztea ere bai. Itzainaren ustez 70eko mugimenduaren segida izan liteke, baina desberdintasun batzuekin: "Gehiago aipu da orain ingurumena, trantsizio energetikoa, genero berdintasuna… eta gutxiago barnealdearen industrializazioa". Industriaren alboratze horrek kooperatibista historikoengan kezka sortu duela ziurtatu du Itzainak.
Kontsumo ereduan eta mugimenduaren aniztasunean ere aldaketa nabarmena da –ekologista, laborari edo feministez gain, sindikalgintza frantsesaren zati bat ere barnebildu du–, eta kooperatibak berak ere aldatu dira. 2002an legediak "Interes orokorreko sozietate kooperatiboa" sortzeko aukera eskaini zuen Italiako kooperatiba sozialek inspiratuta, eta orain partzuergo anitzek har dezakete parte enpresan. Kanaldude herri telebistaren adibidea jarri du Itzainak, forma hori hartu baitu Aldudarrak Bideo kooperatibak, eta horri esker Garazi Baigorri herri elkargoa sartu da bertan.
Gobernantza politikoan gertatzen ari diren funtsezko aldaketek ere tokiko garapenean eta gizarte ekonomian eragina izango dutela iragarri du ikerlariak: "Hasteko, jada esaten ahal dugu eztabaida publiko bat ireki duela herri elkargo bakar bat osatzeko harturiko erabakiak eta lurraldearen bilakaeraren aspektu guztiak landuko dira hurrengo hilabete eta urteetan". Garapen eredu berriak sor litezke hortik, Itzainaren aburuz, eta nork daki, agian Hegoaldea jarriko da Iparraldeari beha orduan. | news |
argia-0fc334927b35 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/erandiotik-zubietara.html | Erandiotik Zubietara | I�aki Barcena | 2016-07-03 | Erandiotik Zubietara
Erandio . Euskal ekologismoaren historian nire jaiolekuak toki berezia du. Pilar Careagak, frankismoak izendatutako Bilboko alkatea, oihu eta protesta gogorrak entzun behar zituen Metalquimica enpresak eragindako gas isurtzeen kontra. 60ko hamarkadaren garai itogarri hartan Gasa kanpora! zen lelo nagusia Bilboko auzoan. Bilbok irentsitako herria baitzen. Espainiako poliziak Josu Murueta eta Anton Fernandez berunezko balekin erail zituen gasaren aurkako mobilizazio batean. Bataio ekologista odoltsua izan zen orduko hura gero.
30 urte geroago, Erandio aukeratu zuten Zabalgarbi ezartzeko, Bizkaiko errauskailuaren proiektua; Sakoniko ibarran, industria gune kutsatu batean. Orduko EAJko alkatea ados zegoen, lanpostuak behar zirela eta, Euskal Herriko langabetuen tasa altuen zeukan udalerria baitzen. Aldiz, erandiotarren memorian gasaren urteek bizirik zirauten eta ezetz borobila eman zioten Zabalgarbiri. Azkenean, Bizkaiko Aldundiak deitutako nazioarteko aditu talde batek leku aproposagoa aukeratu zuen: Bilboko Artigas zabortegiaren ondoan, Alonsotegi udalerrian gain-gainean. Hor hamar urte bete berri ditu, istorio toxiko askorekin.
Zubieta : Ez da leku toxikoa… Oraindik ez behintzat. Kontrakoa. Bertara bizitzera joan berri da asko maite dudan pertsona bat, eta nago Gipuzkoako paraje ederrenetariko bat aukeratu duela. Lasarte-Oria eta Usurbilgo hiriguneen arteko auzune hau, pasealeku eta gozamenerako zonalde berdea baino ez da momentuz, Oria ibaiaren ibarrean. Baina berak badaki Andatza mendiaren magalean, zulo arriskutsu bat eginda dagoela. Eta bertan, erdi ezkutaturik Gipuzkoako erraustegia ezarri nahi dutela.
Nortzuk eta nola erabaki dute Zubieta dela gune toxikoa izateko leku egokia? Odon Elorzari galdetu. Donostiako alkatea izanik, Gipuzkoako Zergarbi proiekturako (Bizkaikoa Zabalgarbi da, bitxia ezta?) leku bat bilatu behar zen eta Gipuzkoako herri askotatik pasa eta gero, Donostiako muturrean dauden lursail horietan jartzea erabaki zuten. Bizkaiko kasuan bezala, mendian gora, lekutan. Baina bertara egunero kamioi pila joan beharko dute, orain Meruelora (Cantabria) joaten direnak. Zergatik ez doaz Bilboko erraustegira? Garestiagoa ote? Iosu Madariagari galdetu beharko diogu. Joan den hilabetean Ingurumen Inpaktu Txosten faboragarria sinatu baitu Eusko Jaurlaritzaren arduraduna den aldetik. Duela urte gutxi, El Correon, Zabalgarbiko arduraduna zenean, Euskadiko Autonomia Erkidegoan erraustegi batekin nahikoa zela zioen.
Zergatik orain, beste bat Zubietan? | news |
argia-ba593c2b642b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/tania-lamarca-gimnasta-ohia.html | "Olinpiar jokoak irabazteak sekulako oihartzuna du kirol minoritarioan ere" | Miel Anjel Elustondo | 2016-07-03 | "Olinpiar jokoak irabazteak sekulako oihartzuna du kirol minoritarioan ere"
Urrezko domina irabazi zuen oraintxe hogei urte, Atlantako (AEB) olinpiar jokoetan gimnasia erritmikoan, taldekako modalitatean. Podioan malkotan ikusi genuen hamasei urteko neska txikia emakume da gaur egun.
Gimnasia erritmikoa egiten dutenen gainean beti esaten dena: "Kirol gogorra, horratik! Hainbeste ordu entrenatu beharra ere!" .
Horixe esaten dute lehenena, bai. Gogorra da, baina bizian zehar ondo egin nahi dituzun gauza guztiak dira neke, eta gogor. Egia da ordu mordoa entrenatu behar izaten dutela gimnastek, denbora mordoa eskaintzen diotela entrenatzeari, baina ezertara emanda bizi den edonork orduak eta orduak sartu behar ditu, ez dago besterik.
Astean hamalau entrenamendu ordu ere egiten ditu DBH ikasten ari den gimnastak…
Bai, beste kirol askotan baino ordu gehiago dira, dedikazio handia, baina kontuan izan behar da minutu eta erdikoa dela gimnasta baten ariketaren iraupena. Minutu eta erdi horretan ez duzu oker txikiena egiteko marjenik. Gimnasia ez da futbola, ez dira 90 minutu. Futbolean, adibidez, baduzu oker egiteko marjena, batean oker egin duzuna, bestean zuzentzeko aukera izan dezakezu, gimnasian ez bezala. Gimnastak ez duenez oker egiteko marjenik, ariketa guztiz mekanizatuta, guztiz barneratuta behar du, eta hori ez da lortzen errepikapen bidez baizik. Errepikapen bidez, eta lan zentzuzko baten bitartez.
Txikitan Gasteizen entrenatzaile izan zenuen Agurtzane Ibargutxik esan dit joandako ura duzula Atlantan urrezko domina irabazi zenuen garaia.
Joandako ura den… Ez dut garai hura zeharo atzean utzi, baina orrialdea pasatu behar izan dut, esan ohi denez. Beste bizitza bati ekin nion harrezkero, gimnasia utzita. Atlantan urrezko domina lortu aurreko eta ondoko bizialdiak bi dira, ez daude lotuta. Garai hartan, oroitzen naiz, barneratu behar izan nuen aro bat ixten zela eta beste bat irekitzen. Gaur egun beste patxada batekin ikusten dut ordukoa, jakina. Errazagoa da orain: orduko aro hari esker naiz, naizena, baina aurrera egingo banuen aro hura itxi behar izan nuen.
Erraza izan ez bazen ere, erretiratu egin zinen. Kirolari askok ez du horretan asmatzen.
Baliteke. Kirol bizitzan iltzatuta geratzeko arriskua dugu, eta kirol bizitza ez da egiazkoa, ez da benetako bizitza. Bizialdi zoragarria da, baina ez da erreala. Nire kasuan, Espainiako selekzioa uztera behartu nindutenean eta Gasteizera itzuli eta bertan lurrartu nuenean ekin nion benetako bizitzari.
Hain zuzen, bizitza hura kontatzen duzun liburuan –Lágrimas por una medalla (Malkoak domina batengatik)–, goren mailako kirola eta lehia utzi ondoko abandonuaz ari zara.
Zortzi urte dira liburua publikatu nuenetik, eta aurrera egin dut geroztik, baina publikatu nuenean horixe nuen helburuetako bat, kirola utzi ondoko abandonua galaraztea, saihestea, nahiz eta oraindik gertatzen den. Kirolariak, bere kirol bizitza uzten duelarik, hutsune handi bati egin behar dio aurre. Kirolaria bere bakardadean! Horixe gertatu zitzaidan niri: goren-gorenean egon nintzen, Atlantako podioan, ordu arte besterik egiten ez nuela, eta eguzkia ezkutatu orduko eta ilargia azaldu baino lehen, etxean nengoen, Gasteizen, goian zerua eta behean lurra. Neke da hori barneratzen. Jendea behar duzu inguruan bide horretan laguntzen, gainerakoan, lanak.
Hogei urte dira Atlantako urrezko domina irabazi zenutenetik, eta ekitaldiak ere antolatu dituzte han-hemen hura oroitarazteko. Ez duzu erraza aro hura itxitzat ematen.
Aro hura itxia dago, baina maila pertsonalean. Nola emango dute, bada, itxitzat, gimnasian lortu den domina olinpiko bakarra izanda? Hartaz oroitu behar dira, eta ondo iruditzen zait. Lagungarri gertatzen zait nire lanean, eta gimnasiaren bidez lortu nuenari esker egiten dut lan gaur egun. Alde horretatik ez dut aro hura itxi, baina maila pertsonalean garbi esan behar izan nion neure buruari: "Domina olinpikoa irabazi duzu, gimnasia izan da zure bizitzaren ardatz, baina orain beste bizialdi bati ekin behar diozu".
Urrezko domina olinpiar jokoetan. Horixe izango da maximoa, ala?
Bai… Oroitzen naiz behin, ohiko ekitaldi horietako batean, aktore talde batekin gertatu nintzela. Batak bestearen aurkezpenak egin genituen eta aktoreetako batek ezagutu egin ninduen; nor nintzen bazekiela, esan nahi dut. "Domina olinpikoa? Nik Oscar saria jasotzearen pareko da hori!". Halaxe esan zuen, balio horixe ematen zion. Eta egia da. Mundutxo horretan bizi zarenean ez zara jabetzen, ez dakizu zer lortu duzun. Nik, esaterako, askoz ere balio handiagoa ematen diot orain urrezko domina hari, orduan baino. Kirol mailan lortu daitekeen maximoa da domina olinpikoa.
Urrezko domina olinpiko hori dugu Tania Lamarcaren aurkezpen-txartela?
Beti esaten dudanez, domina horri esker aurkezpen-txartel pertsonala daukat. Ez da nire aurkezpen-txartela, baina ditudan adjektiboak domina horrek eman dizkit, kar, kar…
Hamasei urte zenituen Atlantan podiora igo zinenean. Neskatxa hutsa, oraindik.
Bai, neskatxa hutsa! Egia esan, ez nekien zer neukan lepotik zintzilik. Liluratuta nengoen, hori bai, telebistaz ikusi izan nuen domina zelako, baina besterik ez. Gurasoei hots egin nienean, horixe esan nien: "Lepotik zintzilik daramat! Kirolari guztiek duten domina!". Jakina, kirolari guztiek ez zuten gisako dominarik, urrezkoa, baina nik horrela ikusten nuen orduan. Atlantatik itzultzean, ni baino kirolari zaharragoekin gertatu nintzenean, orduantxe hasi nintzen urrezko domina hartaz jabetzen. Ez, egiatan, une hartan ez nekien zer lortu nue, kar, kar…
Negarrez, domina batengatik. Beste inork ez zuen negar egin, malkorik isuri?
Ez. Hunkitu bai, baina nik beste inork negarrik ez. Malko-erraza naiz, izan ere.
Zure ibilbidearen gorena, podio huraxe. Bost urtetan lotu zintzaizkion gimnasia bideari, hamasei zenituela olinpiar domina, utzia zenuen goren graduko kirola hamazazpi urtetan.
Begira, neska koxkorretan gimnasia egiten hasi nintzenean nik ez nuen uste apartekorik, alegia, gimnasta ona izateko irrikarik ez nuen, gimnasta ona izango nintzela ere ez nekien, goi-mailako lehiaketan jardutea ere ez zegoen nire gogoan. Poliki-poliki etorri zen dena, ni jabetzeke. Ondo pasatzen nuen gimnasia eginez, eta arratsalderoko gustuko denbora pasa bihurtu zen azkenean. Nire kasuan, oinarrizkoa izan da bestelako pretentsiorik ez izatea. Nik ez nuen txapeldun olinpikoa izateko asmorik, gurasoek ere ez zuten horrelakorik beren gogoan. Ni, besterik gabe, bideari lotu nintzaion: erraztasuna nuen, txapelketetara joaten nintzen, ongi pasatzen nuen… eta ongi pasatzen nuenez, entrenatzen segitzen nuen.
Eta, halako batean, hamalau urtetan, Espainiako gimnasia erritmiko txapelduna izan zinen.
Urte hartan bagenuen esperantzarik. Goiko postuetan ibili nintzen urte hartako Euskadiko lehiaketetan, eta lehen bosten artean geratzeko asmoa genuen, edo espektatiba, behintzat. Baina ni txapeldun izaterik ez zuen inork espero. Ariketa ona egin nuen, ordea, besteek baino hobea betiere, eta txapelketa indibiduala irabazi nuen.
Hala ere, ez zintuzten Espainiako selekziora eraman, zure garaiera gorabehera: metro eta berrogeita hamalau zinen, eta metro eta hirurogei eskatzen zuten.
Kirol froga eginarazi ziguten, baina garaiera zela-eta, atzera bota ninduten. Orain ez dute gutxieneko garaierarik eskatzen, baina kasik eskatu beharrik ere ez dago. Oraingo gimnastak dorrea baino luzeagoak dira-eta. Zeharo aldatu da dena orduz gero. Orain dela hogei urte ez bezala da gauza. Esaterako, gimnastek beren bizitza dute gimnasiatik kanpo ere: beren familia dute ondoan, beren adiskide eta lagunak dituzte, beren ikasketak… Zorionez, gaur egun, gainerako kirolen pareko da gimnasia.
Pareko, baliteke, baina zuen olinpiar dominak munduko txapelketa irabazteak baino gehiago balio du, zenbait kiroletan ez bezala.
Kirol mailan, kirolarioi dagokigunez, gauza bera dira olinpiar jokoak eta munduko txapelketak. Lehiakideak ere bertsuak gara. Baina zeharo bestelako oihartzuna dute olinpiar jokoek eta munduko txapelketek. Kirol minoritario guztien gaitza da: munduko txapeldun izateak ez du oihartzunik. Aldiz, olinpiar jokoak irabazteak sekulako oihartzuna du kirol minoritarioan ere. Horretan, hutsetik hasten gara kirol guztiak: gimnasta, tenislaria, futbolaria, atleta… maila berean gaude, domina bera dugu guztiok helburu, oihartzun bertsua izango dugu denok.
Liburu asko ozpina egin zenuen goi-mailako lehia utzi zenuenean, edo utzarazi zizutenean. Beste ikusmolde bat duzu orain.
Liburuak badu alderdi ozpin eta negatibo hori –hein batean, bederen–, baina nik transmititu nahi nuena zera zen, ahal izango banu, berriz egingo nukeela bidea: esperientzia bakana izan da, guztiz positiboa nire bizitzan, alderdi negatibo guztiak gorabehera. Goi-mailako kirola gogorra da, eta nik ere bizi izan nuen hori: familia eta lagunetatik urrundu beharra, egunean zortzi ordu ere entrenatu beharra, hau, hori eta hura, baina nik ongi pasatzen nuen gimnasia egiten, ez nuen horretarako obligaziorik. Disfrutatu izan ez banu ez dut uste bertan geratuko nintzatekeenik. Nik uste latzagoa izan zela gurasoentzat, niretzat baino: bazekiten zortzi orduz gogor entrenatu besterik ez nuela egiten, beraiengandik urrun, halako zentro batean, eta ez zen erraza. Ni, azken finean, gustuko gauza egiten ari nintzen.
Gorenean zinen egun batean –urrezko domina paparrean–, kanpoan zinen biharamunean –goi-mailako kirol mundutik lekora– , benetako bizimoduari ekiteko premian.
Denetarik izan dut: hasteko, baxua nintzelako ez ninduten hartu nahi izan; azkenean, gizena nintzelako, behar baino pisu handiagoa eman nuelako, bota ninduten. Kar, kar… Baina hortik ere franko ikasi nuen. Erretiratzeko garaia oso konplikatua da kirolariaren kasuan. Alegia, berak erabaki ez duen momentuan erretiratzea –dela lesioa izan duelako, edo erabaki tekniko bat delako tartean–, oso-oso konplikatua da. Besterik da norberak erabakitzea eta prestatzea kirola uzteko momentua.
Zure kasuan, teknikarien erabakiak behartu zintuen uztera .
Eta aurre egin behar izan nion egoera berriari. Hemezortzi urte nituen goi-mailako kirola uztera behartu nindutenean, baina gainditu nuen egoera, eta gaur egun, orduko hark orain eguneroko biziak sortzen dizkidan egoera zailei aurre egiten irakatsi zidan. Ikasketa prozesu gogorra izan zen, oso, eta horrexegatik egin nuen liburua. Uste dugu kirolaria erretiratu, eta egina duela bizitza. Eta ez da horrela. Hemezortzi urte nituen nik, kirol mailan gorena lortua nuen, baina Gasteiza itzuli eta ez nuen ezer.
Zailtasunak bizimodu errealari berrekiteko sasoian, familiarekin eta lagunartean .
Nire lagunak unibertsitatean ari ziren, eta ni, aldiz, institutuko ikasketak egin beharrean nengoen artean, ni baino gazteagoak zirenekin batera. Ez zen erraza. Etxean ere, desorekak sortu ziren: hamalau urte nituela joan nintzen etxetik, eta hemezortzirekin itzuli. Ume joan nintzen, gazte etorri, eta hor ere izan zen hutsune bat bete beharrekoa. Oso gauza konplikatua izan zen, benetan.
Atlantako olinpiar jokoetako oroitzapen bat, Tania.
Inaugurazio egunean estadio olinpikoari itzulia egin genion denbora. Askoz gehiago kostatu zitzaidan itzuli hura, gimnasiako ariketa egitea baino. Azken finean, nire lana egitera irten nintzen tapiz gainera, banekien lan hura egiten, horretarako entrenatuta nengoen –ohiko nerbioak gorabehera–, eta aldiz, kirolari guztiekin batera estadio olinpikoari itzulia egitea zirraragarria gertatu zitzaidan. Oroitzapen horixe dut. | news |
argia-be08e3925a7a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/erraustegiaren-pribatizazioa.html | Erraustegiaren pribatizazioa | Baleren Bakaikoa Azurmendi | 2016-07-03 | Erraustegiaren pribatizazioa
Gipuzkoako erraustegiaren eraikuntza, kudeaketa eta mantentze lanak pribatuak izango direla agindu digu Foru Aldundiak. Horrela, publikoa izanda, sortuko duen defizita eta ondoriozko zorra kontu publikoetatik at geratuko dira, eta beraz, ez dira Europako Batzordearen kontrolpean egongo.
Enpresa publikoak pribatizatzeko politika orokorra 1980ko hamarkadan hasi zen Bretainia Handian. Gerora, munduko herrialde askotara hedatu da, baita gure herrira ere. Ezin ditugu ahaztu Telefónica edo Campsaren pribatizazioak; Espainiako Estatuak bere lagun edo hurbilekoei saldu zizkien prezio erakargarrian. Bat-batean, jabetza publikoa, hiritarren izerdiarekin urteetan metatutako ondarea, esku pribatuetara igaro zen. Orain, enpresa horien akziodun-kudeatzaileek izugarrizko aberastasuna eta botere politikoa eskura dituzte.
Pribatizazioarekin estatuaren monopolioak merkaturatu ziren eta azpimarragarria da oinarrizko sektoreetan kokatuta zeudela: ura, telefonia, trenbideak, elektrizitatea, gasa, tabakoa eta abar. Pribatizazio horien xede nagusia sektore horietako zerbitzua enpresa askoren artean hornitzea zen, beraien arteko lehia handitu, eta ondorioz, prezioak apaltze bidean jarriko omen ziren; gainera, Estatuak ipinita zeukan arautze gogorra arintzeko neurriak ere hartu ziren, negozioa pertsonen aurretik ipiniz.
Erraustegia pribatizatzen bada, jarduera berresteko inbertsioak arriskuan egongo dira, are gehiago ustiatze epe muga hurbildu ahala (2030). Orduan, isurtze gasak eta hondakinen eragin negatiboak kontrolatzea erabat zailduko da, inguruko hiritarren osasunaren kalterako
Telefoniaren kasuan ez da ahaztu behar, teknologiak izugarri aurreratu duela eta lehia ahalbidetu. Orain, enpresa ugarik operatzen dute eta tarifek behera egiten. Bien bitartean, ez da horrela gertatu beste sektore gehienetan.
Proposatutako erraustegiaren pribatizazioa trenbideen pribatizazioarekin aldera dezakegu. Izan ere, garraio sektore hori Europako Kontseiluak aginduta, herritarren borondatea erabat saihestuta, datorren hamarkadan pribatizatuta egon behar du. Zerbitzu hori eskaintzeko trenbide enpresa ohia bi atal nagusitan banatuko da: azpiegitura (karrilak, geltokia...) eta trenak (makina, bagoiak...). Normalean azpiegitura enpresa batek bereganatzen du eta tren zerbitzuak eskaintzeko enpresa ugari egon daitezke.
Trenbideen kasuan merkantziak errepideetatik atera nahi dira, baina apenas handituko den garraio kopurua, errepidekoa erosoagoa baita eta nahi den lekura eraman daitezke merkantziak, trenez ez bezala. Bestalde, garraio prezioak apalduko omen dira, baina orain artekoak igo besterik ez dira egin.
Trenbide, ura edo beste zenbait zerbitzuren pribatizazioaren kasuetan azaltzen den arazorik handiena azpiegituretako inbertsio berrietan datza. Izan ere, publiko zenean estatuak egiten zituen inbertsioak, mozkinak kontuan hartu gabe. Baina enpresa pribatu batek etekinik ez badu aurreikusten, ez du inbertituko, akziodun-zuzendariei ez zaielako interesatuko. Ondorio nagusia istripuak areagotzea izan da, hobekuntzak burutu ez direlako.
Erraustegia pribatizatzen bada, jarduera berresteko inbertsioak arriskuan egongo dira, are gehiago ustiatze epe muga hurbildu ahala (2030). Orduan, isurtze gasak eta hondakinen eragin negatiboak kontrolatzea erabat zailduko da, inguruko hiritarren osasunaren kalterako.
Gure agintariek, futbol zelai ireki, frontoi, taberna, denda eta edozein bilgunetan galarazi digute erretzea, kearen bidez minbiziak jotzeko arriskua handitzen delako. Bien bitartean, Zubietan, inguruan milaka pertsonak arnasten duten tokian, gau eta egun milioika zigarrok sortuko luketen ke gunea jarri nahi digute. Gainera, metal astun pozoitsuek sortutako ke beldurgarria jaulkiko da tximiniatik.
Munduan ez dago medikurik horrelako proiektu arriskutsua onetsiko duenik, diruaren truke ez bada. Erne guztiok! | news |
argia-172f5fa080d0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/euliskea.html | Euliskea | Jakoba Errekondo | 2016-07-03 | Euliskea
Euli izugarria edo euli uxagarria da euliskea. Soroetan txori izugarriak edo txorimaloak bezala, etxe inguruan euliskea jartzeko sasoia etorri da. Aurten, gainera, udaberria freskotik doa, eta, beroak gorri-belzteko sasoia etortzen denean, orduan izango da isilduko ez den euli-burrundara, sekulakoa.
Badator euli, eltxo, liztor, eulitzar, euli beltz, ezpara, euli alfer, eulitxa, euli berde, eulimando, eulihandi eta haragi euli samalda. Geure haragietara heldu eta txista egin eta azkura lehenik eta pikorta gorri gogaikarria gero nahi ez badugu, aurrea hartu. Guregandik uxatu nahi baditugu usainekin jokatzea da gakoa. Usainez jantzitako landareek babesa eraikitzen dute esentzia bizi horiekin. Euli eta abar, fuera! Gustuko ez dituzten usainek gotortzen gaituzte; sudurretik jotzen ikasi beharrean gaude.
Zitroin edo limoi usaina lehena. Landareetan ugari samarra; etxeratzeko errazak direnak, edozein landare saltegitan aurkituko dituzunak: limoi-belarra (Cymbopogon citratus), luisa-belarra (Aloysia citrodora), ezkai limoiusaina (Thymus x citriodorus), garraixka (Melissa officinalis) eta albahaka limoiusaina (Ocimum x citriodorum). Limoi tankerako usaina du Artemisia abrotanum-ek ere. Hori asentsio-belarraren lehengusua da, Artemisia absinthium. Azken horrek limoitik oso urrun dagoen usaina hedatzen du, baina intsektuak izutzeko ere erreminta ederra da.
Aliazeo jendea (Allium sp.), tipulatarrak eta baratxuria ere usainez ondo hornitutakoak dira, eta intsektu jende gehienarentzat kiratsa dutenez, uxa-uxa! Antzeko lana egiten dute menda sendikoek (Mentha sp.); familia ugaria osatzen dute, eta denek dute usain sarkorra, guretzat gozoak direnak usain keruak dira eulientzat.
Nikotina txarra dela ere badakite euliek, inork eskolan erakutsi beharrik gabe. Loretarako, apaingarri erabiltzen den tabako-belarra (Nicotiana sp.) ez dute ikusi ere egin nahi. Antzera jokatzen duten izpilikuarekin (Lavandula angustifolia), lantanarekin (Lantana camara) eta usaineko geranioekin (Pelargonium roseum, Pelargonium graveolens...)
Gu usainez jantzi, ingurua lorez eta hostoz dotoretu eta euli jendilajea uxatu, a zer pagotxa! | news |
argia-db19227d3d22 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/kirol-barneratzailea.html | Aurrerantz, baina esku-hartze zabalagoa aldarri | Jon Torner Zabala | 2016-07-03 | Aurrerantz, baina esku-hartze zabalagoa aldarri
Gasteizko Gaztedi taldeak saria jaso du Munduko Errugbi Inklusiboko 1. Txapelketan. Arabarren esperientzia abiapuntu hartuta, bereziki adimen urritasuna duten pertsonak gizartera integratzeko kirolak bete dezakeen funtzioaz eta bide horretan dauden oztopo eta abaguneez hitz egin dugu Mikel Epalza errugbilariarekin, autismoa duen Enekoren ama Aintzane Muguruzarekin eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko kide Jurgi Olasagastirekin.
Gasteizko klubean argi dute. Inklusioa ez da aparteko beharrak dituzten pertsonak, izan down sindromedunak izan autistak, talde berezietan bildu eta elkarren aurka partidak jokatzea. Proiektu batek izan nahi badu erabat barneratzailea, barnean hartu behar ditu klubeko estamentu guztiak: kirolariak, entrenatzaileak, zuzendaritzakoak... Halaxe ari dira Gaztedin. Behar bereziak dituzten kideek gainerako jokalariekin batera entrenatu ohi dute larunbatero, eta han ikasitakoa benetako partidetan erakutsi dezakete tartean behin, errugbilari denak, urritasuna izan ala ez, talde berean nahastuta. Iaz, adibidez, altxor ederrarekin itzuli ziren Ingalaterratik.
Frantzia, Eskozia, Irlanda, Gales, Italia, Serbia eta Argentinako taldeek parte hartu zuten, Gaztedirekin batera, Bradford hirian jokatutako Munduko Errugbi Inklusiboko 1. Txapelketan. Bi sari banatu zituzten: onena izateagatik Sunday's Well Rebels irlandarrak lortu zuena batetik, eta inklusio lan eredugarriagatik Gaztedik jasotakoa bestetik, Spirit of Mixed Ability Rugby Trophy garaikurra.
Mikel Epalza:
"Errugbi taldeetan pertsonarik arraroenak biltzen gara, eta erabat integratuta sentitzen gara halere. Down sindromedun eta autistekin batera entrenatu eta jokatzea urrats bat gehiago
izan da"
"Munduko Kopa irabaztea zoragarria izan da guztiontzat, zer esanik ez Down Araba elkarteko kide diren eta gure taldean jokatzen duten pertsonentzat", esan digu Escor-Gaztediren talde federatuan ari den Mikel Epalzak. "Bat-batean erreferente bilakatu gara. Erantzukizun polita izanik ere ahalegin handiagoa eskatuko digu, jende gehiagorengan eragin beharko dugu proiektua hazten joan dadin".
Erreferente bila ari da, hain justu, Aintzane Muguruza donostiarra, Eneko 10 urteko ume autistaren ama. Kontatu digu semeari "izugarri" gustatzen zaiola lagunekin futbolean aritzea, eta irratian entzun zuenean Levante taldeak bazuela egitasmo integratzaile bat, Realari Twitter bidez mezua bidali ziola pasa den martxoan, galdetuz ea horrelakorik baduen edo antolatzeko asmorik duen. Erantzunik ez zuen jaso –euskal futbol talde profesionalek ez dute kirol integratuko egitasmorik–, baina tematuta jarraitzen du, jakitun kirola inklusio-tresna eraginkorra izan daitekeela. "Futbolean ikaragarri disfrutatzen du semeak, baina zailtasunek atzera botatzen dute; frustrazioa modu bortitzean azaleratzen du orduan, edo berean gotortzen da. Horregatik geratzen dira bera bezalako hainbeste pertsona etxean sartuta. Nire asmoa da halakorik ez gertatzea". Azaldu digu kezka bera duen adiskide batek Gipuzkoako Futbol Federaziora idatzia bidali zuela, eta erantzun ziotela Diputazioaren bitartez bideratu beharreko kontuak direla horiek. "Nire nahia, ordea, ez da gizarte zerbitzuetara jotzea", dio Muguruzak. "Gautena autismo elkartea eta halakoak sekulako lana egiten ari dira, baina urrats bat harago joan nahi dut. Behar bereziak dituzten pertsonak gizartera irekitzea da helburua, eta hori lortzeko beharrezkoa da denak nahastea, ezgaitasunak dituztenak benetan barneratuak senti daitezen eta gainontzekoek aukera izan dezaten errealitate hori gertutik ezagutzeko". Inklusioa ulertzeko moduan bat datoz Epalza eta Muguruza.
"Integrazioak denoi egiten digu mesede", esan digu Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko teknikari Jurgi Olasagastik. "Urritasun bat dutenentzat kirola praktikatzea positiboa da, onura fisiko, psikologiko eta sozialak dakartzan heinean; besteontzat, maiz aldamenean ditugunak ere gizartearen parte direla konturatzen ez garenontzat, harremanak estutzeak laguntzen digu bizitza beste modu batera ikusten, norberaren lehentasun eta arazoak erlatibizatzen".
Errugbian lor badaiteke…
Gaztedik egindako ibilbidearen harira, Epalzak azaldu digu barneratze printzipioek hasiera-hasieratik markatu dutela klubaren norabidea, kirol horrek, amateur mailan bereziki, berezkoak dituen baloreak ardatz: "Errugbi taldeetan pertsonarik arraroenak biltzen gara, eta erabat integratuta sentitzen gara halere. Down sindromedun eta autistekin batera entrenatu eta jokatzea urrats bat gehiago izan da. Gaztedin topo egin dute abertzaleek eta militarrek, ezkerreko jendeak eta eskuinekoak, beltz, marokoar eta zuriek, guardia zibilek eta haien semeek… eta ez da sekula arazorik izan. Errespetua oinarrizko balorea da klubaren estamentu guztietan, zelai barruan bederen".
Aintzane Muguruza:
"Behar bereziak dituzten pertsonak gizartera irekitzea da helburua, eta hori lortzeko beharrezkoa da denak nahastea, ezgaitasunak dituztenak benetan barneratuak senti daitezen eta gainontzekoek aukera izan dezaten errealitate hori gertutik ezagutzeko"
Talde barneratzaileak indarberrituta ekin zion 2012ari, Escor-Gaztediko jokalari eta Down Araba-Isabel Orbe elkarteko hezitzaile David Izquierdoren eskutik, denbora gutxian munduko txapeldun izatera heltzeraino. "Gure helmuga ez da hori", dio Epalzak. "Lanean jarraituko dugu, erakusteko inklusioa errugbian lor badaiteke beste esparruetan ere posible dela, izan kalean, tabernetan edo beste edozein lekutan. Gizarteratzea funtsezkoa da".
"Eneko bezalako gazteak aisialdi talde itxietan mantentzen badituzu, proiektu txalogarriak izanik ere, jendartearekin elkarrekintzan jarduteko aukera galduko dute", azaldu digu Muguruzak. Semeari izugarri gustatzen zaio lagunekin futbolean aritzea, baita haiei Enekorekin jolastea ere. Gertatzen dena da eurek eskolaz kanpoko taldeetan izena eman dezaketela, baina Enekok ez. "Erakutsi nahi dut badagoela ume hauek gizarteratzea, zailtasunak zailtasun. Hori da justizia, bakoitzari behar dituenak ematea".
Lehia vs partaidetza
Ildo berean mintzo da Olasagasti: "Pertsona orok izan behar du inklusiorako aukera. Beste kontu bat da, kirola nola antolatua dagoen ikusita, aurrera nahi beste egiterik badagoen ala ez, gaur egun lehia baitu orokorrean ardatz, parte-hartzea baino gehiago. Klub edota elkarteek kontuan izan behar dute badagoela konpetitibo hutsa ez den beste biderik". Gipuzkoako Federazioko teknikariak, halaber, argi du inklusibotasuna "oso polita" dela baldin eta tartean diren norbanako guztiak nahikoa kontzientziaturik badaude, ingurunea bortitza baita batzuetan. "Badakigu futbolean jokatzen duen edonork zer nolako astakeriak entzun behar izaten dituen; bada, pentsa zer jasan lezaketen urritasunak dituzten gazteek…".
Hezitzaile eta entrenatzaileak behar bereziak dituzten pertsonak zuzen artatzeko prest ote dauden galdetuta, oro har ezetz erantzun digu Muguruzak, atzera berriz ere lehiaren auziari helduta: "Normala da, ez baduzu prestakuntzarik jaso eta Eneko bezalakoekin sekula lan egin… Gainera, helburua ahalik eta lehiakorrena izatea baldin bada nekez egingo dugu aurrera. Hain justu, Gipuzkoako Futbol Federazioak erantzun digu helburua txapelketak direla eta hortik kanpo dagoen beste edozer Diputazioaren gizarte ekintzen ildotik bideratu behar dugula. Kontua ez da hori". Bera kontziente da hasieran zaila gerta daitekeela, semeak mugak dauzkalako bere sentimenduak adierazteko eta gauza berrien aurrean ezkor jokatzen duelako maiz. Badira pautak, ordea, zuzen landuz gero ahalbidetzen dutenak denontzat onuragarriak diren gauzak lortzea. Muguruza ziur da luzera begira abantailak denontzat liratekeela. Irribarrea ezpainetan, kontatu digu Enekok futbolaren arauak ezagutzen dituela baina, zenbaitetan, irabazten ari denean, aurkariak berdinketa lortzea nahi eta agian gola sartuko duela bere atean. Edo erabakiko duela inori ezer esan gabe beste taldera pasatzea, edo partida bere gustukoa ez delako ospa egitea…".
Heziketan tematzea gako
Kirol Egokituko Federazioko Jurgi Olasagastik eragile ugari egiten ari den ahalegina goraipatu du, baina berak ere ez du uste oro har entrenatzaileak-eta prest daudenik, egiaz ez gaudelako prest kirola beste modu batean ulertzeko. Kirol kolektiboetan bereziki, helburua irabaztea izanik, jokalari baten jardunak talde osoari eragiten dion heinean, urritasuna duen jokalariak estrategiak barneratzen ez baditu edo defentsan kamuts aritzen bada, oztopo bilakatuko da.
"Prest al gaude hain trebeak ez diren umeak gure gain hartzeko?", galdera airean Olasagastik. "Gauza bat argi utzi nahi dut, dena den: nik ez diot txapelketari duen garrantzia kendu nahi", diosku. Lehia eta partaidetzaren arteko oreka lortzea, horratx gakoetako bat, ez soilik adimen urritasuna duten kirolarien integrazioari dagokionez, zentzu zabalagoan baizik, nagusi den ereduak bere neurrirako egitura finkatu duen heinean, egokitzen ez direnak bazterrean utzita sarri.
Jurgi Olasagasti:
"Zergatik uzten diote gazteek kirola praktikatzeari? Ez zaielako kirola egitea gustatzen? Ala indarrean den eredu konpetitiboa da gustuko ez dutena?
Agian, gehiago joko bagenu jolas parte-hartzaileen bidetik…"
Parte-hartzearen bidea sendotze aldera, Olasagastik dio "heziketan" ahalegin handiagoa egin beharko litzatekeela, ezinbestekoa dela kirol ibilbidea eskolatik bertatik hasita berregituratu eta klubekiko harremanak sendotzea, besteren artean. "Zergatik uzten diote gazteek kirola praktikatzeari? Ez zaielako kirola egitea gustatzen? Ala indarrean den eredua da gustuko ez dutena? Agian, gehiago joko bagenu jolas parte-hartzaileen bidetik… Jarduera fisikoak berezkoak dituen onuren gainean arreta handiagoa jartzeak mesede egingo liguke aurrera begira".
Zentzu horretan, parentesi moduan-edo, gauza bera komentatu ohi dute emakume kirolarien errealitatea aztergai duten adituek, alegia, federazioaren eredua ez zaiela ongi egokitzen eta partaidetza zabalagoa bermatzen duen kirolaren ildotik egin dutela bidea neska ugarik. "Gaztetan, askotan entzuten dugu neskek ez dutela gogoko kirola egitea. Gertatzen dena da, agian, gustuko ez dutena egitura konkretu batzuetan dagoen estiloa dela, edota jasotzen duten tratua", esan zigun berdintasun gaietan aditu eta 2012ra arte eskubaloi jokalari federatua izan zen Ainhoa Azurmendik, ARGIAren 2571. zenbakian egin genion elkarrizketan.
"Dirua ezin da aitzakia izan", jarraitu du Muguruzak. "Pertsona hauek, autonomia geroz eta handiagoa izan, gauza gehiago egingo dituzte euren kabuz, uneoro norbaiten zaintzapean egon beharrik izan gabe, gastuak murriztea ahalbidetuz. Eta kirola oso tresna ona da autonomia garatzeko. Hori bai, kostua epe luzera gutxituko da, hasieran inbertsioak egin behar dira".
Guraso eta elkarteen esku-hartzea, funtsezkoa
Lehen urratsak emateko unean Down Araba eta halako elkarteen lana ezinbestekoa da, baita gurasoen esku-hartzea ere, Gaztedi taldeko Mikel Epalzak esan digun moduan. Haien esperientzia jarri digu adibide: "Apur bat beldurturik agertu ohi dira hasieran, pentsatzen baitute errugbia arriskutsua dela, baina ikusten dutenean gazteek izugarri ondo pasatzen dutela eta gainera ez dela uste bezain kirol bortitza, pozik egiten dute bat proiektuarekin. Sarri entzun dute seme-alabek ezin dutela hau ala beste egin, eta errugbian nola aritzen diren ikustea gauza ederra da".
Olasagastiren iritziz garrantzitsua da kirol egokitua ezagutzera ematea, ekimenak antolatu eta erreferenteak sortzea, interesa areagotu eta lagun gehiago erakarriko lukeelakoan. Federazioan 400 bat lizentzia dituzte –guztiak ez dira kirolariak–. "Kopuru txikia da, estatistikek baitiote herritarren %8k duela urritasuna; haietako asko ez dira konturatzen zenbat gauza egiteko kapaz izango liratekeen". Zentzu horretan, hedabideok zer egin badugula esan digu, Richard Oribe igerilariaz gain badaudelako kirolari gehiago, merezi dutenak haien lorpenak ezagutzera ematea. Eta ikusgarritasuna hizpide, mailaketa egin du: "Gizonezko atletak daude, emakumezkoak gero, urritasuna duten gizonezkoak eta, amaieran, urritasuna duten emakumezkoak. Pentsa zein den azken horiek bizi duten errealitatea".
"Duela lau urte hasi ginen gu, eta munduko txapeldun gara jada", bukatu du Gaztedi errugbi taldeko Mikel Epalzak: "Ez dut harroputza izan nahi, baina orain gu gara erreferente, eta ez daukagu ideia putarik ere. Ziur egunero erratuko garela, larunbatetako entrenamendu guztietan, baina bagoaz aurrerantz. Bidea ekinez egiten da". | news |
argia-b956d74dd113 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/liburua.html | Izan gaitezen | Aritz Galarraga | 2016-07-03 | Izan gaitezen
Munstro abertzalea da, momentuz behintzat, Ignazio Aiestaranen poesia emaitza bakarra. Munstroa. Ez dakigu oraindik naturaren legeez at eraturiko izaki biziduna, edo jarduera intelektual eta ahalmen handiko pertsona. Baina munstroa. Nolakoa? Besterik ez bada, "nik neuk daramadan munstro hori": nortasun-agiri frankistek eman izena duena, euskara maitale duena, etorkizuna izanik etorkizunik ez duena, kalean eskubiderik aldarrikatu ezin eta kale-borroka guztiak kritikatzera kondenatu dutena. "Denok barruan daramagun munstrokeria hori". Eta abertzalea. "Abertzalea izan ez arren". Alegia: "abertzalea naiz,/ Lurreko txoko honetatik/ ilargia/ nola ikusten den/ gustuko izatea/ abertzale izatea bada". Bestela ere esan daiteke: frantsesen artean espainiarra, espainiarren artean baskoa, baskoen artean nafarra, nafarren artean putobaskoa, etc.
Ez bakarrik nolakoa munstroa eta zergatik abertzalea. Galdera gehiago ere badira: Zer da herria? –"Denok ulertzen dugun/ eta inork mugatu ezin duen zerbait"–. Zer naiz ni? –"Orojakileen artean ezjakina,/ bizidunen arteko hildakoa"–. Kristo hemen jaio balitz: Jainkoak esango zukeen ez zela bere semea. Eta galderarik ez denean, da sententzia, zuzen-zuzenean urdailera doana: salatzailea –"hautestontzien demokrazia/ beirazko kutxa bezain hauskorra da"–, ekologista –"orain baskoak garela/ hasiera batean basokoak ginelako"–, herrijasotzailea –"Eraikuntza nazionala: Guggenheim museoa"–, beti gure miseriak agerian uzten dituena –"21 dira/ 1987an Bartzelonako hipermerkatuan/ jarritako bonba batek asasinatuak,/ zu eta ni bezalako 21 lagun hil"–. Poema batzuek, egia da, ideia on batetik –Itoizko urtegiaz ari dela: "Ura dakarrenak/ urrea darama"–, akaso ez dute behar besteko garapenik, edo hitz joko hutsean geratzen dira: "burujabetza lortu ordez/ burugabetza izango dugu". Baina, oro har, eta urte gutxi batzuk joan diren arren, gaurkotasunik batere galdu ez duen bilduma da.
Eta liburua hor geratuko balitz, ez litzateke gutxi. Baina, ez, badu bigarren zati bat, epilogoa: "Irakurketari jarraituz gogoetan", Joxe Azurmendirena. "Poesiak ez digu puskailetan dagoen etxea birreraikiko. Eramangarriagoa eginen digu, hala ere, gure patua". Unibertsaltasunaz, diferentziaz, nongotartasunaz, mestizaiaz, gatazka politikoaz, poesiaz –"Poeta bat hori da: behin eta berriro mozorroak erori egiten zaizkion bat"–. Labur, Azurmendi, distirant, bere onenean. Esan daiteke, beraz, bi liburu direla bakarrean. Bukatu aurretik, ordea, Azurmendiren azken gomendioa: "Bere burua norma deklaratua daukan mundu anormal honetan, izan gaitezen, bada, munstro". | news |
argia-a6a9d3b33461 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/herri-bazkari-ekologikoak.html | On(gi) egin! | Irati Sarasua Arabaolaza | 2016-07-03 | On(gi) egin!
Herri bazkariko txartela erostean, gehienok antzeko jakiak espero izaten ditugu. Baina azken urteotan hori ere aldatzen ari da. Jaki ekologikoak asmo huts izan beharrean, hainbat jaietan plater bihurtzen ari dira.
Horren lekuko izango da aurten, besteak beste, Errenteriako herri bazkarira hurbiltzen den oro.
"Euskaldunok harrotasunez diogu gurean oso ondo jaten dela, baina horrek, normalean, ez du bat egiten herri bazkari bateko irudiarekin, eta hori irauli nahi dugu". Irantzu Gallego Lur Lan Baserritarren Elkarteko kidearen hitzak dira. Berak prestatzen dituen herri bazkarietan produktu ekologikoek protagonismo berezia izaten dute, eta bertako jaki guztiak ekologikoak ez badira ere, gertukoa, kalitatezkoa, denboraldikoa eta jasangarria izateari ematen dio bereziki garrantzia. Euskal Herrian ekoiztutako eta nekazaritza ekologikoko ziurtagiria duten produktuekin eginiko bazkarien bitartez, egungo jaietako bazkari ezagunenetako errealitatea aldatzearen aldekoa da Gallego. Goiabe Baserriko Asier Bastarrikak ere halako bazkariak egiten ditu, baina %100 bertakoak eta ekologikoak diren produktuak erabilita. Nabarmentzen du ohiko bazkarien eta eurenen arteko ezberdintasuna lehengaian bertan ikus litekeela: "Merkatuari erreparatuta, maila gorenekoak dira gureak, bai kalitate aldetik, ekoizpen ereduan, baita ardura sozial eta ekologikoari dagokionez ere".
Bi protagonistek aspalditik dute halako herri bazkarietan jaki ekologikoak txertatzeko nahia. Baina orain arte apenas izan dute eskaririk. "Aspalditik ikusten genuen kontraesan handia gure festa eredu aldarrikatzaileetan, diskurtsoaren eta bertan kontsumitzen zen generoaren artean", dio Bastarrikak. Eurei lehen aldiz Donostiako Piraten eskutik iritsi zitzaien halako bazkari bat egiteko proposamena. Gallegok, aldiz, duela hiru urteko ARGIA Eguna du buruan, hura izan baitzen haren lehen esperientzia. Nabarmendu dute azken urteotan inoiz baino eskari gehiago izan badute ere, ez dutela bilakaera nabarmenik ikusi, eta gizartean ekologismoaren gaiari buruz esaten eta egiten denaren artean alde nabaria dagoela.
Diskurtsoa aurretik
"Orohar ikusten dugu gizartean kezka zabaltzen ari dela elikadura eta egunerokotasuna uztartzearen bidean. Igartzen da. Baina iruditzen zait errealitatea baino azkarrago hedatzen ari dela diskurtsoa". Hori da Bastarrikaren ikuspegia. Errealitate hori puskatu nahi izan dute Errenteriako Jai Batzordean. Lau urtez bazkaria antolatzen aritu ostean, aurten, lehen aldiz, Madalenetan egingo duten bazkaria bertako jaki ekologikoekin osatuko dute. "Orain arte Eusko Label ziurtagiria duten produktuak erabili izan baditugu ere, urrats bat gehiago egin nahi izan dugu, eta horretarako, produktuen %100 bertakoa izatea da aurtengo apustua", dio Jai Batzordeko Soroxoro Elkarteko kide batek. Batzarrean proposamen horrekin eszeptikoak zirenei azaldu zieten menu osoa bertako produktuekin egitea lortuko zutela, eta beste ekonomia mota bat sustatzeko modua ere bazela ekoizle eta enpresa horiekin bat egitea. Arrazoiak azaldu ostean, askok iritzia aldatu zutela diote. Euren ustez, jai giroan halako aldarrikapen bat egitea ezinbestekoa da, eta utopikoa izatetik, egin daitekeela erakustera pausoa eman dute.
Baserritarren Lur Lan Elkarteko Gallegok, aldiz, eskariari erantzunez ekin zion lan honi: "Askotan galdetzen ziguten, proposamenak heltzen zitzaizkigun, eta horri erantzun nahi izan diogu". Eta nabarmentzen du, bazkarira joandakoek normalean errepikatzen dutela, halako bazkari batera lehen aldiz joan eta beste bat antolatzen ari direnen deiak ere jaso izan dituela. "Beti harrera oso ona izan dugu. Jendeak zaporea eskertzen du, ongi landuta dagoen produktu bat erabiltzen duzunean nabaritu egiten da". Halako bazkarien bitartez janari ekologikoa herritarrengana hurbiltzea lortzen dutela dio Gallegok, horixe dela euren helburu nagusia, presentzia bera.
Mitoak puskatuz
"Jendeari erakutsi nahi genion benetan badaudela bertan ekoizleak, janari osasuntsua sortzen duen jendea, eta guk gizarte gisa babestuz gero, oso produktu onak dituztela eskaintzeko". Elkarteko kideek uste dute askotan aurreiritzi asko dagoela bazkari ekologikoaren inguruan, "benetan ez dela hain ekologikoa edo bertakoa ezin dela benetan izan pentsatzen du jendeak".
Gallegok eta Bastarrikak ziurtatzen dute bertako produktuekin osatzen dituztela menuak. Biak ala biak ahal dela Euskal Herriko nekazari edo ekoizleak izateaz gainera, ingurukoak lortzen saiatzen dira. "Halako bazkari bat egin aurreko astea erotzeko modukoa izaten da, baserritar batekin eta bestearekin hitz egin behar da, sukaldean aritzeaz gainera. Puzzle bat osatu behar da azken batean", dio Bastarrikak.
Janari ekologikoari lotzen zaion adjektibo bat "garestia" da, eta hori horrela, prezioari ere erreparatu diote Errenteriako Jai Batzordeko kideek: "Iazkoarekin alderatuta, hiru euro garestiagoa da berez aurtengo menua, eta horrek ere arduratzen gintuen, halako bazkari baten prezioa herrikoia izan behar delako, herritarren gehiengoak ordaintzeko modukoa". Eta lortu dute iazko prezio bera eskaintzea; Jai Batzordeak hiru euro horietako bat jarriko du, eta Oarsoaldeko barazkiak erabiliko dituztenez, eta bertako kontsumoa sustatzea helburu duenez, beste biak Udalak ordainduko ditu. Prezioaren ezberdintasun hori orekatzeari ere erreparatu diote Gallegok eta Bastarrikak: lehenak, prezioa jaitsi asmoz, boluntarioak eskatzen ditu janaria banatzen laguntzeko, hala eskulana merketu dezakeelako. Eta bigarrenak, buruan du bazkaldu aurretik janari ekologikoari buruzko tailerra eginez bazkarian jango dutena lantaldean egitearen ideia. Eta menua sinpletzera jotzea da biek duten beste aukeretako bat: babarrun-jana egitea, kasu.
Menuan, aniztasuna
Gehienetan garaiko barazki eta basa-landareekin eginiko entsalada izaten da herri bazkari ekologikoetara bertaratutakoei harrera egiten dien lehen platera. Bigarren platera, eskaeraren araberakoa izaten da; arroza, berenjena beteak, tortilak edota haragi gisatuak izan ohi dira nagusi. "Inprobisatzeko aukera izaten dugu", dio Bastarrikak barre artean.
Errenteriakoek, adibidez, Bastarrikak garaiko barazki eta loreez osatutako entsalada izango dute jaietan. Horren ostean, bi aukera izango dituzte: menu arruntean haragi gisatua eta menu beganoan ezkurkia. Horrez gain, haurrentzat menu berezia prestatuko dute, bigarren platera eurentzat hanburgesa izango baita. "Guk ere ez genekien nola osatu halako menu bat, argi genuen aldaketa handia zela, eta Asierrek emandako ideiek asko erraztu digute menuaren osaketa, bereziki menu beganoaren kasuan". Halako bazkarietan ohikoak diren jakiak kendu eta beste batzuk sartzeak beldurra sortu zien Soroxoro Elkarteko kideei. "Nire txuleta puska kendu didate, eta arroz pittin bat eta lau letxuga orri jan ditut" inork ez pentsatzea zen euren nahia, eta ondorioz, asko hitz egin eta pentsatu dute menua osatuko duten platerei buruz.
Jaiak gizartearen ispilu
Gizartea aldatu nahi bada, jaietan eragitea garrantzitsua dela diote errenteriarrek, festen erdigunean egoteak oihartzun handia duelako, ezinbestean. Ideia horrekin bat egiten du Gallegok ere: "Gu ere gizartean sartzea ekartzen du ekintzak berak, komunikazio modu bat baita, nor garen eta zer egin litekeen erakusten dugu halakoetan". Guztiaren oinarrian ideologia bat, bizitzeko eta pentsatzeko modu bat dagoela diote, "inplikatu" egiten direla ziurtatzen dute, eta "ederrena" hori dela ere bai. Askotan etekin ekonomikorik ateratzen ez badute ere, egiten dutena erakusteak eurentzat berebiziko garrantzia duela uste du.
Soroxoro Elkarteko kideek aldarrikapena plazaren erdigunera eraman nahi izan dute, iruditu zitzaien lan egiteko eta euren ideiak zabaltzeko oso espazio interesgarria zela jaietan murgiltzea: "Badaude aldarrikapen batzuk eremu mugatua dutenak, eremu txiki batzuetara soilik heltzen direnak. Honek normalean mugitzen garen eremuetan topatuko ez ditugun lagunengana heltzeko bidea zabaltzen duela iruditu zaigu".
Bastarrikak argi du gaur egun munduan dauden arazoetako bat elikaduratik datorrela, eta oso oinarrizko arazoa dela pentsatzen du, gainera: "Jaki ekologikoa nola ekoizten den ikusita, nola banatzen den... Zentzu guztietan gure osasuna zaintzeko, ingurumena zaintzeko eta beste ekonomia eredu bat bultzatzeko abantaila guztiak ditu". Amestutako gizarte hori irudikatzen hasteko bultzada bat dela dio, eta horregatik haren etxekoek bizitza horri eskaintzen diotela: "Gure kontsumoa horretara bideratuta dago, kontraesan askoren artean, baina pausoak emanaz, beraz, guretzako erabateko garrantzia du. Herri bazkarietan, eta gainontzeko eremu guztietan". | news |
argia-b4e1853f2244 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/irtenbide-politiko-ekonomiko-eta-sozialak.html | Irtenbide politiko, ekonomiko eta sozialak | Juan Mari Arregi | 2016-07-03 | Irtenbide politiko, ekonomiko eta sozialak
Hainbeste hilabetez Espainiako Estatuan hauteskunde kanpainan egon ondoren, ordua da agintzen duten politikariek euren promesak bete ditzaten. Eta oposizioan geratzen direnek ere eskatu dezatela promesa horiek betetzea. Seguruenik ez da izan Espainian beste kanpainarik arazo ekonomiko, laboral eta sozialak hain presente egon direnak. Eskuinetik ezkerrera, denek azpimarratu dute langabeziari irtenbidea eman behar zaiola –batez ere gazteen artekoari–;pobrezia, bazterkeria soziala, menpekotasuna, prekarietatea, pentsioen duintasun falta eta emigrazioa ere denen ahotan egon da.
Denek aipatu dute gutxieneko soldata hobetu behar dela. Denak daude iruzur fiskalaren eta paradisu fiskalen kontra. Denek esan dute doitze politikak aldatu behar direla eta Europarekin zor publikoa eta defizit muga negoziatu behar direla. Denak azaldu dira aberatsengandik gehiago eskatuko duen erreforma fiskalaren alde. Batzuek zergak jaistea agindu dute (PFEZ) eta beste batzuek aberatsei, enpresei eta multinazionalei igotzea. Euskal Herrian, gainera, denek egin dute industriaren aldeko apustua, batez ere arriskuan dagoen siderurgiaren alde.
Hauteskundeetako promesa horiek guztiak beteko badira, horretarako politikak ezartzeko unea heldu da orain. Hitza ematen duenak ezin du hitza jan, eta gobernutik nahiz oposiziotik beharrezkoak diren neurriak hartu beharko lituzke. Gobernutik, behar izanez gero aurreko legeak ere aldatuz, eta oposiziotik, etengabe exigituz promesa horiek bete daitezela. Oposizioan geratu denak, gainera, aukera dauka bere eskakizunek gobernuan eragina izan dezaten. Herritarren ordua ere bada, jakina, gure botoarekin zer egiten den zaindu beharko genuke. | news |
argia-ff666ba4365c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/opaku.html | Opaku | Itxaro Borda | 2016-07-03 | Opaku
Opakutasun ametsez galtzen gara, euskalduntasuna, haize parpailaren antzera altxatzeko jaidura dugun jendarte honetan: etxeko ikurrinak, pinak, hiru koloreko pegatinak ateratzen ditugu iragarriak diren gertakari edo manifestaldiren karietara. Eta harro gaude, arrazoiez. Zuri-gorri-berdea ongi dagokigula ezin uka, bereziki kirolaz ari garenean.
Baina uste dut, Martinikako Eduard Glissant poetaren ildotik, batzuetan on dela nortasuna eta erroak baztertzea munduko beste edozein bizidunen anonimotasun eta arrotz izaeraz gozatzeko. Orduan ez gara gehiago arazo, ez gara erroen eta hizkuntzaren arduradun, ez gara erakargarri agertzera behartuak, ez gara igurikatzen gaituzten tokian aurkitzen. Auto-kontrolaren itzal zorrotzetik alde egin dezakegu eta azken finaren finean gorrotatzeko nehor ez daukagu.
Batzuetan euskaldun izatea akigarria da guretzat, eta gurutzatzen gaituztenentzat. Mendeetan jasan (ez jasanarazi) dugun sufrimena jorratzen gabiltza beti, arinagoak, ahanzkorragoak eta axolagabeagoak izateko partez.
Nortasuna, alabaina, gauza serioa baino gehiago da, sakonenean azalekoena hain zuzen ere.
Eta alderantziz. | news |
argia-dde53b33d38d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/zahartzen-naizenean.html | Zahartzen naizenean | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-07-03 | Zahartzen naizenean
Laracor (Irlanda), 1699ko uda. Jonathan Swift idazle, politikari eta elizgizon irlandarra jaioterrira itzuli zen, eta hamabost eliztarreko kongregazio txikiaren ardura hartu zuen Dublinetik 32 kilometrora dagoen herrixkan. Lan gutxi zuenez, lorategia zaintzen, bikarioetxea berregiten eta, besteak beste, zahartzaroaz hausnartzen ematen zuen denbora.
Artean, 31 urteko Swift gazteak ez zeukan libururik argitaratuta, mende laurdena falta zen Gulliverren bidaiak (1726) bere lanik ezagunena amaitzeko, eta mende eta erdi haren aurreikuspen gaitasun harrigarriaz jabetzeko; Gulliverrek bidaiak nobelan Marteko ilargiak izan zituen hizpide, baina, ofizialki, Marteren bi satelite naturalak, Fobos eta Deimos, 1877an aurkitu zituen Asaph Hall astronomoak.
Hala ere, ordurako gizon zentzuduna zela ezagun zuen, zahartzarora iristean izan nahi zuen jarreraz egindako hausnarketak erakutsi bezala. Paper batean eskuz When I come to be old (Zahartzen naizenean) izenburua idatzi zuen, aldamenean urtea (1699), eta, ondoren, honako zerrenda hau:
"Ez naiz emakume gazte batekin ezkonduko.
Ez dut gazteen konpainia onartuko, gazteek benetan nirekin egon nahi dutenean izan ezik.
Ez naiz ezatsegina, betiluna nahiz mesfidatia izango.
Ez diet iseka egingo egungo ohiturei, esamoldeei, modei, gizakiei zein gerrei.
Ez ditut haurrak gogoko izango, eta ez diet niregana hurbiltzen ere utziko . (Egileak berak eskuizkribuan urratua).
Ez diet istorio bera pertsona berdinei behin eta berriro kontatuko.
Ez naiz diruzalea izango.
Duintasuna edo garbitasuna zainduko ditut, ezatsegina izateko beldur bainaiz.
Ez naiz zorrotzegia izango gazteekin, eta haien gaztaroko erokeria eta ahuleziekin barkabera izango naiz.
Ez diet mirabeei edo bestelako alproja berritsuei jaramonik egingo.
Ez diot inori gehiegizko aholkurik emango eta enbarazurik egingo, besteek eskatzen ez badute.
Zenbait lagun onek puntu hauetatik zein eta zertan ez ditudan betetzen esatea nahi dut, eta horren arabera nire jarrera zuzendu.
Ez dut gehiegi hitz egingo, batez ere nire buruaz.
Ez dut iraganeko nire edertasunaz, indarraz edo damekiko esku onaz arrandia egingo.
Ez dut emakume gazteengandik lausengurik onartuko eta ez dut sinetsiko haiek ni maite nazaketenik, et eos qui hereditatem captant, odisse ac vitare [eta herentzien bila doazenak gaitzetsi eta saihestu nahi zituela, alegia].
Ez naiz baikorra ez dogmatikoa izango.
Ez naiz arau hauek guztiak betetzen tematuko, azkenean bat bera ere beteko ez dudan susmoa baitut".
Egile batzuek diote bizitzako azken 15-20 urteak depresioak jota eman zituela Swiftek. Beste batzuen ustez 1738an hasi zen gaixotasun seinaleak ematen eta 1742an enbolia batek hitz egiteko gaitasuna eta gainerako buru-ahalmenak galtzea eragin omen zion. Kontua da haren beldurrik handiena, ahalmen mentalen urritasuna, gauzatu zela, eta gaztaroan idatzitako zerrenda ganoraz betetzeko aukerarik ez zuela izan. 1745ean hil zen, 77 urte zituela. Eta haren azken nahiak behintzat bete zituzten ingurukoek. Pobreen artean banatzeko eta zoroetxe bat eraikitzeko erabili zituzten Swiften ondasunak. | news |
argia-55ef43eac3d1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/pinu-eta-eukaliptoari-alternatibak.html | Bestelako basogintza posible da | Garazi Zabaleta | 2016-07-03 | Bestelako basogintza posible da
"Basoari tratu oso txarra eman diogu azken urteetan, baina kontuan izan toki askotan tratu bortitz horren ondorioak ikustean hasi direla alternatibak sortzen". Euskal Herrian momentu horretan gaudela uste du Keko Alonso biologoak, alegia, basogintzaren baitan bestelako ereduak martxan jartzeko une egokia iritsi dela. Eta horretarako lanean dabil, hausnarketa bultzatzen eta kontzientziak pizten.
Gaztetatik hasi zen biologo asturiarra bere inguruko basoetan gertatzen ari zenaz arduratzen. Han eukaliptoen monolaborantza izan zen erabateko protagonismoa hartu zuena, inguruko paper-fabriken mesedetan eta tokiko baso aniztasunaren aurka. Euskal Herrian, dudarik gabe insignis pinuak bete du paper hori: Pinus radiatak.
Gure bazterrak, pinuz beteak
Gipuzkoako eta Bizkaiko baso azaleraren %70 inguru insignis pinuaren monolaborantzek hartzen dute egun. Zuhaitzez hitz egin beharrean basoez hitz egingo bagenu, hariztia (Quercus robur) Gipuzkoan galtzeko arriskuan dagoen landare formazioa dela kontatu digu biologoak.
Euskal Herrian pinuarekin gertatu dena, hala ere, ez da salbuespena. XIX. mende erdi-bukaeratik Europa guztian antzeko moduan eman da prozesua, ideia berarekin: kalitate erdi-baxuko zuhaitzak azkar sortzea, egurretarako edo paperetarako erabiltzeko.
Alonsok, beste biologo edota ekologo askok bezala, monolaborantzako zuhaitzen esparruei ezin zaiela "baso" deitu adierazi du. "Basoa ekosistema bat da guretzat, organismo askoren multzoa da, baldintza naturaletan. Gizakiak egoera natural hori hainbeste aldatzen duenean, ekosistema izateari uzten dio".
"Radiata burbuila"
Etxegintza burbuilarekin alderatu daiteke insignis pinuarekin gertatu dena, Alonsoren ustez: "Denek atera dute puska pinuen monolaborantzatik: landatzen duenak, zerratzen duenak, erretzen duenak, paper bihurtzen duenak... Orain, ordea, burbuila lehertzen ari da, prezioak asko jaitsi direlako, besteak beste".
Krisi/aukera hori aprobetxatu beharra dago biologoaren ustez, egoerari buelta emateko eta benetan bestelako basogintza baten alde egiteko. Berak argi du: badago alternatibarik. 50-60ko hamarkadetan nekazaritza ekologikoak bizi zuen egoerarekin alderatu du egungo basogintzaren momentua. Garai hartan nekazaritza eredu hori bazterrekoa zen, ez zeukan ia indarrik eta bazirudien ezinezko izanen zela pausoak ematea. "Ez da erraza izanen, baina bide berri horiek irekitzeko jendearen prestutasuna beharrezko izango da". | news |
argia-d57f4c2d59fa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/inaki-alegria-iratxe-esnaola-ueu.html | "UNEDen alternatiba izan nahi dugu" | Onintza Irureta Azkune | 2016-07-03 | "UNEDen alternatiba izan nahi dugu"
Euskarazko on line unibertsitatea sortzeko momentua dela uste dute Iñaki Alegria (UEUko zuzendaria) eta Iratxe Esnaolak (UEUko talde eragileko kidea). Gaztaroa igaro arren, jendeak ikasteko irrika du: lan berria aurkitu nahi duelako, gaztetan ikasi ez zuelako, jakintza maite duelako... Ikasle berriok ordea, ez doaz ikasgelara, sarean dabiltza. UEUk hutsunea nabarmendu du: euskaraz on line ez dago gradu bat bera ere.
Hutsune bat betetzea al da asmoa?
Iñaki Alegria: Ez dago asmorik aurrez aurrekoa ordezkatzeko, unibertsitate eredu alternatibo bat da, beste profil bateko jendeari begira egina. Nolabait esatearren, UNEDek (Universidad Nacional de Educación a Distancia) dituen ikasketen modukoak eskainiko lirateke eta ikasle profil horrentzat, baina teknologia berrietara eta metodologia pedagogiko berrietara egokitua.
Iratxe Esnaola: Xede publikoa diferentea da.
Ez litzateke UNED bezalakoa izango?
I. Esnaola: UNED ez da euskaraz.
I. Alegria: UNEDek dio urruneko unibertsitatea dela eta guk diogu gurea on line edo e-learning izango dela.
I. Esnaola: Urruneko ikaskuntzan etxetik ari zara, zure kabuz, eta azterketetara joaten zara. On line ikaskuntzan ikasturte osoa on line egiten duzu, ariketak daude, elkarlana dago, ez zabiltza zure kabuz, tutoreak dituzu, talde lanak daude, irakasle motak bereizten dira. Kontzeptu oso desberdina da, eta oso lotua dago eredu pedagogikoarekin.
Nork heldu behar dio egitasmo horri?
I. Esnaola: UEU prest dago proiektu hau martxan jartzeko, baina ezin du bakarrik egin. Eusko Jaurlaritzaren laguntza ezinbestekoa da, eta beste unibertsitateen laguntza ere bai, beste maila batean eta beste mota batekoa, baina ezinbestekoa da. Aurrez aurreko unibertsitateek proiektu honekin irabazi egiten dutela sinetsi behar dute. Bakoitza bere aldetik ibilita, euskarazko on line eskaintzak ez du lortuko behar duen garapen erritmoa bermatzea.
Zein hartu-eman izan dituzue beraiekin?
I. Alegria: 2003an hasi ginen Eusko Jaurlaritzarekin hitz egiten. Gobernu aldaketarekin zapuztu zen, eta agian goizegi zen. Azken bi urteetan berriro izan dugu hartu-emana, baina oso azalekoa. EHUrekin ere egon gara, Jaurlaritzak esanda. Ohiko unibertsitateak aurrez aurreko irakaskuntzan ari dira, krisia dela-eta baliabide aldetik hala moduz dabiltza.
Hitz onak jaso ditugu lankidetzarako, baina orain administrazioaren apustu argi bat behar da.
Iratxe Esnaola:
"Gure egoera oso bitxia da, gai sentitzen gara dena aurrera eramateko, baina laguntza behar dugu. Esan dezagun kasik laguntza finantzarioa"
Unibertsitateek administraziora bideratu zaituztete.
I. Alegria: Eta alderantziz. Jaurlaritzak badauka unibertsitate plan bat, eta unibertsitate plan horretan on line irakaskuntza bultzatu behar dela agertzen da, baina ez guk planteatzen dugun zehaztasunarekin.Jaurlaritzak esaten die unibertsitateei eurek egin behar dutela eta unibertsitateek erantzuten dute aurrez aurreko unibertsitatea direla eta nahiko lan dutela.
I. Esnaola: Guk ofizialki ezin dugu titulurik eman, ez garelako unibertsitate bat. Beste unibertsitate bat sortzea proposatzen dugu, bere tituluak eman ditzakeena, baina beste unibertsitateekin lankidetzan.
I. Alegria: Gerta daiteke lehenengo urratsean tituluak UOCek [Universitat Oberta de Catalunya] edo EHUk ematea, baina asmoa unibertsitatea sortzea da.
I. Esnaola: Eta horrek ez du esan nahi aurrez aurrekoek on line eskaintza garatuko ez dutenik.
I. Alegria: Garatzen ari dira, baina gradu osorik ez dago euskaraz. Gaztelaniaz UNED dago eta Universidad Internacional de La Riojan (UNIR) euskaldun asko ari da ikasten. Guk UNEDen alternatiba izan nahi dugu. UOC ere horrela sortu zen duela hogei urte. Kataluniak UNEDen transferentzia eskatu zuen eta ez zuten lortu, eta esan zuten bertakoa sortuko zutela. Fundazioa egin zuten gobernuaren, hango unibertsitate batzuen eta Caixaren artean. Proiektu nazionala egin zuten UNEDi alternatiba bilatzeko, eta gainera berrikuntzarekin, on line, bi hitzetan esateko apunteak bidali eta azterketak egin formula gaindituta.
NUPekin traturik izan duzue?
I. Alegria: Hitzarmena daukagu, baina on line gaian atzera dabiltza. Dena dela, egitasmo honek aukera emango luke lankidetza sustatzeko ez EAEko unibertsitateekin bakarrik baizik eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Baionako zentroekin ere bai. Baina lehenengo bultzada Jaurlaritzak eman behar du.
Egitasmo honek ezin du izan gobernuan dagoen alderdi politikoak gidatutako zerbait. Kontuan hartu behar da gradu bat lau urte direla zeharo horretara jarrita, eta eredu honetan jendeak 6-8-10 urtetan egingo du, epe luzeko proiektua da.
I. Esnaola: Apustu iraunkorra izan behar du. Euskararen gaineko beste proiektu guztietan gertatzen den hutsune bera dago hemen ere, egitasmo honen ardura euskaltzale ez direnena ere izan beharko luke. Beharbada gero zuk ez duzu euskaraz ikasiko unibertsitate horretan, beharbada ez dakizu euskaraz, baina zure babesa edo kontra ez egotea behintzat bilatu beharko da. Ez da euskaltzaleon proiektua, euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko proiektua izan behar du.
I. Alegria: Proiektu hau momentu honetan egitekoa da, eta batera etortze bat behar da.
Zergatik diozu momentua dela?
I. Alegria: 2003an agian goizegi zen gizartea konturatzeko eredu hau funtsezkoa izango zela. Orain berriz, halako unibertsitateak toki guztietan ari dira sortzen: Errioxan, Valentzian, Bartzelonan UOCez gain beste bat sortu da. Horiek hemen ate joka ari dira, eta guk, euskaldunak izateaz gain, beste hizkuntza batzuk ere badakizkigu, eta gutxieneko erreferentzialtasuna lortzeko gero eta zailagoa izango dugu.
I. Esnaola: Proiektu hau egoteak ez baitu esan nahi euskaldunok on line ikasten ez dugunik. Ikasten dugu, baina beste unibertsitate batzuetan eta beste hizkuntza batzuetan. Euskaraz ez dagoelako. Garaia da, hain zuzen, nabaria delako jendartean eskari hori badagoela edo ikasteko modu horiek gero eta erabiliagoak direla. Gaur egun autoformazioaren grina oso txertatua dago jendartean.
Iñaki Alegria:
"On line unibertsitateak toki guztietan ari dira sortzen: Errioxan, Valentzian, Bartzelonan... Horiek hemen ate joka ari dira, eta guk, euskaldunak izateaz gain, beste hizkuntza batzuk ere badakizkigu, eta gutxieneko erreferentzialtasuna lortzeko gero eta zailagoa izango dugu"
Bideragarritasun ekonomikoa aztertu al duzue?
I. Alegria: Prezio publikoak behar dira, prezio pribatua jartzen baldin baduzu, UNED hor egonda, eta euskaldunak erdaldunak ere bagarela kontuan hartuta, hor arazo bat dago. Bestalde, ezin da esan merkea dela, baina oinarri on bat jartzeko ez da izugarrizko dirutza gastatu behar, porlanean, eraikinetan… Ikasle taldeak ezin dira oso handiak izan, baina diru gutxirekin proiektu polita egin daiteke.
I. Esnaola: UEUk bere bidea egin du horretan. Definituta dauka on line hezkuntzako bere eredu pedagogikoa. Moodle erabiltzen du graduondokoetan eta etengabeko formazioan. Hori guztia garatuta dago, beste ikasketa maila batzuetara egokitzea litzateke kontua.
I. Alegria: Milioi bat euro zuri zer iruditzen zaizu, diru asko edo gutxi?
Gutxi.
I. Alegria: Bada, milioi batekin gauzak egin daitezke.
I. Esnaola: Egin dugun bideragarritasun azterketaren arabera urtean gradu bakoitzeko 50 ikasle beharko lirateke.
Dozena-erdi bat gradurekin hastea proposatu duzue.
I. Alegria: UOCekin elkarlanean 2-3 titulaziorekin hastea pentsatu genuen, baina denbora aurrera doa, eta agian, unibertsitatea sortu eta 6-8 titulaziorekin hasi behar dugu.
I. Esnaola: Dena dela, irekiak gaude, ez da egitasmo itxia. Hasieran bi gradurekin eta gero gradualki igo? Bada, gradualki igo.
Ikasle eta irakasle beharrak aztertu al dituzue?
I. Alegria: Enpresen Administrazioa titulazioa goitik behera aztertu dugu. Langabeziarekin eta ehun produktiboarekin uztar daitekeen titulazio batekin hasi nahi genuen, eta euskaraz eskaintzeko zailtasun gehiago duela dioen mitoagatik ere aukeratu dugu. Azterketa eginda, ikusi dugu adituak badaudela, irakasleak eta tutoreak badirela.
I. Esnaola: UEUk ez dauka zalantzarik euskaldun irakasleria badagoela, hain justu, UEUn asko eta asko biltzen dira, eta ez dugu aurreikusten inolako arazorik irakasleak aurkitzeko.
I. Alegria: Bestalde, hasieran titulazio bakoitzeko inbertsio bat egin beharko da, materialak egokitzeko, plataforma prestatzeko...
I. Esnaola: Gure egoera oso bitxia da, gai sentitzen gara dena aurrera eramateko, baina laguntza behar dugu. Esan dezagun kasik laguntza finantzarioa.
I. Alegria: Diru aldetik eta sendotasun aldetik. Ezin diozu esan jendeari, "etorri gurekin ikastera!", eta handik bi urtera jarraipenik ez izan, dirurik ez dagoelako.
I. Esnaola: Erabaki politiko bat behar da legegintzaldiz legegintzaldi aurrera jarraituko duena.
Aztikerrek, zuek eskatuta, 25-55 urte arteko euskaldunei galderak egin dizkie balizko ikasleak eta haien ezaugarriak jakiteko.
I. Alegria: Galdetu zitzaien ea aurreikusita zuten unibertsitate mailako ikasketak egitea, on line egingo lituzketen, euskaraz egitea eragozpena litzatekeen, eta galdera gehiago. 700 erantzun lortu genituen. Ehuneko lauk aurreikusita zeukan ikasketak egitea, beraz 25.000ko unibertsoa ateratzen zen. Euskara %10entzat zen eragozpena. Titulazioetan eta prezioetan iritzi desberdinak zeuden. UEUkideen eta UEUko ikastaroetan egon direnen artean, Google bidez, galdeketa xumeagoa egin genuen, eta 800 erantzun lortu genituen. Horrela zehaztu genituen titulazioak, eta argazki zehatzagoa daukagu.
Zein titulazio dituzue buruan?
I. Alegria: Bi gradurekin hastekotan Enpresen Administrazioa eta Psikologia dira lehenetsitakoak, baina ez dago itxita. Ondoren datoz irakaskuntzarekin lotutako tituluren bat, Pedagogia edo Gizarte Hezkuntza, humanitateak orokorrean. Ingeniaritzan berriz, batzuk zailak dira on line egiteko, baina arrakasta handia edukitzen ari da Multimedia Ingeniaritza bat, Informatika eta Ikus-entzunezkoak batera lantzen dituen bat.
I. Esnaola: Eskaintza oso oparoa da eta arrakasta zeinek duten jakitea, hau da, zein titulazio diren bideragarriak jakitea, erraza da.
Euskal Unibertsitatea egitasmoa izan zuen UEUk beste hainbat kiderekin batera. Egitasmo horrek ez du aurrera egin. Haren alternatiba al da proposamen berria?
I. Alegria: Osagarriak direla esango nuke. Euskal Unibertsitatearen estrategiaren barruan lerro bat da on line zerbitzua, baina ez da bestearen ordezkoa.
Euskarazko on line eskaintza unibertsitatean: egoera eta erronkak jardunaldiekin zein helburu zenuten, eta lortu al duzue?
I. Esnaola: Jardunaldiaren helburua balizko euskarazko on line unibertsitate baten sorkuntzaren gaineko hausnarketa irekia egitea zen eta horregatik gonbidatu genituen proiektu honetan zeresana izango duten agente guztiak. Hausnarketa oso oparoa izan zen eta helburua erabat bete zela esan dezakegu, oso argi geratu zelako zein diren gisako proiektu baten arrakastarako gakoak eta, era berean, agerian geratu zelako aurrez aurreko unibertsitateek hasieran izango duten mesfidantza gainditu behar dela. Gauzatze fasean sartu garela esan daiteke, zehazteko fasean.
I. Alegria: Irailetik aurrera bilerak eskatzen hasiko gara eta, era berean, zehaztapenetan ere sartuko gara, esaten duguna gauzagarria dela argi erakusteko. | news |
argia-546480e788fc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/hizkuntza-lurretik.html | Hizkuntza lurretik | Jakoba Errekondo | 2018-03-04 | Hizkuntza lurretik
Nekazaritza ekologikotik harago doazen beste bide batzuk ere badira. Ekologikoak, gure gaurko egun hauetan, araudi jakin bat betetzen dutela besterik ez du esan nahi. Ohiko nekazaritza industriala edo kapitalistarekin alderatuta ikaragarrizko aurrerapausoa da, ez ordea helmuga, zenbaitentzat behintzat. Agroekologia, nekazaritza biodinamikoa, nekazaritza birsortzailea, iraute nekazaritza, nekazaritza hiritarra... Hizkuntza aberasten ari da alorrez alor gure lur sailetan. Eskerrak.
Adibidez, gero eta ohikoagoa da nekazaritza biodinamikoaren eskutik sortutako elikagaiak topatzea. Biodinamikaren oinarrian dago landareek ingurumen osoaren eragina jasotzen dutela. Landareentzako lurra garrantzitsua da, baina baita eguzkia, ilargia eta abar ere. Gaia edo mozkina sortzeko bidean denborak garrantzi handia duenean are eta nabarmenagoa omen da biodinamikaren eragina. Adibidez sagar, udare, mahats eta abarren ardoetan. Gaur egun, adibidez ardogintzan, ikusgarri nabarmentzen omen dira biodinamikoan egindako ardoak. Sagardogileentzako abisua!
Hizkuntzari helduta, gero eta maizago entzuten da nekazaritza erregeneratiboa ( agricultura regenerativa, agriculture régénératrice, regenerative agriculture… ). Ez naiz gaur soro horretan sartuko, baina berandu baino lehen euskarazko izen bat jarri beharko geniokeela bueltaka nabilela, taka aukera. Facebooken Jurgi Uriarte lagunak, ekologiko hutsa ez baizik eta nekazaritza erregeneratibo hori dela etorkizuna esanez bidali zidan errieta mezuari erantzuteko aukera polita topatu nuen, eta galdera bota: nola esango genuke euskaraz nekazaritza mota hori? Aukera: onbideratzailea, birsortzailea, erregeneratzailea edo bere oneratzailea. Di-da erabaki genuen: bere ama, Itziar Idiazabal Gorrotxategi, filologoa omen, eta haren aukeramen jantziaren esanetara jarri ginen. Nire gustukoena hautatu zuen, "nekazaritza birsortzailea". Izan ere, zein izen egokiago eman etengabe lurrari bizia ematean oinarritzen den nekazaritzari? | news |
argia-550954456917 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/karrikan.html | Karrikan | Itxaro Borda | 2018-03-04 | Karrikan
Duela gutxi, arratsalde euritsu batez, Baionako merkatu estaliaren saihetsetik pasatzean susmatu nuena iltzatua daukat memorian. Gurutzatuak nituen alabaina erlijio ezberdinetako predikatzaileak Lapurdiko hiriburuko gauetan edo arraberritzen ari diren Santizpiritu zubiaren puntetan. Guztiek, hiltzea zilegi, paradisua hitz ematen digute beraien fede-bide latz eta gogorren irakaspenak egiaztatzen baldin baditugu.
Bi gizon baziren, bizardunak, trapu zaharrez jantziak, palestinarren keffie antzeko oihal puska gorrixka baten gainean belauniko eta konkortuak merkatu estaliaren burdinazko zutabe baten maldan. Marmara isilez zutitzen zihoazen, esku ahurrak zerura, bertatik iragaten ziren jendeez axolarik gabe. Arratsaldeko bostak eta Mekara zituzten buruak. Nik Meka beste aldera jarriko nuen arren, banekien ez zirela hatha yoga mugimenduetan akitzen.
Begiesten nuenak tristuraz eta uherduraz bete ninduen. Otoitza karrikan egiten zuten, alta Baionan ez da ostatu, ashram , tenplu, sinagoga, eliza eta meskita eskasik. Funtsean, muturreko kristauek ere gauza bera egiten dute abortuaren kontrako ekintzetan. Ematen du, dagoeneko, fedeak espektakulua izan behar duela eta espazio publikoa inpudikoki pribatizatua dela! | news |
argia-693b503acd63 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/potere-al-popolo-hautagaitza.html | Esperantza izpi bat ezkerrarentzat Italiako hauteskundeetan | Xuban Zubiria | 2018-03-04 | Esperantza izpi bat ezkerrarentzat Italiako hauteskundeetan
Italian ospatzear diren hauteskunde orokorren atarian, zenbait mugimendu sozialen erraietatik fenomeno politiko berria sortu da, Potere Al Popolo. Krisiak eta prekarietateak gogor kolpaturiko italiarren ahotsa izan nahi du martxoaren 4ko hauteskundeetan.
Abenduan Sergio Matarella Italiako Errepublikako Presidenteak parlamentua disolbatu eta hauteskunde orokorrak deitu zituen. Italiako ezkerrarentzat hauteskunde hauek badakarte berritasunik, aipagarriena Potere al Popolo zerrenda herritarraren agerpena izan da. Egun gutxitan hauteskundeetara aurkezteko beharrezkoak zituen 25.000 sinaduren hirukoitza lortu ostean, inork espero ez zuen bezala sartu da mugimendua hauteskundeen lasterketan.
Alderdi tradizionalen izaera eta egiturarik gabe, Napolin sortutako herri iniziatiba aparra bezala zabaldu da Italia osora. Proiektuaren lemazain eta zerrendaburua Viola Carofalo aktibista napolitarra da. Alderdi komunistaren hauteskundeetarako hautagaitzak porrot egin ostean, martxoaren 4an Italiako ezker eraldatzailearen erreferente bakar gisa aurkeztuko da Potere al Popolo.
Egunotan ezkerreko zenbait pertsonaia ezagunek babesa adierazi diote Carofaloren zerrendari. Horien artean daude Ken Loach zinemagile famatua edo Paolo Sollier futbolari ohia, besteak beste. Hurrengo egunetan Napoliko alkate Luigi de Magistris-ek eta ezkerreko hainbat pertsonaia esanguratsuk Potere al Popolo-ren aldeko bozka eskatzea espero da.
Italiako eragile sozial andanaren babesa izanik ere (No TAV!, USB, CGIL…), ikusteko dago zerrenda herritarrak parlamentuan sartzea lortuko duen. Parlamentuan ordezkaritza izateko hauteskunde lege berriak exijitzen duen bozken %3a gainditzea zaila izango dute. Italiako hainbat hedabidetan argitaratutako inkesten arabera, botoen %2-%2,5 eskuratuko luke hautagaitza berriak.
"Espero den abstentzio handiaren gainetik, inoiz bozkatzen ez dutenengana iritsi eta estatuarentzat ikusezin bihurtu diren horiek ere konbentzitu nahi ditugu", zioen Carofalok La7 telebista kate italiarrari eskainitako elkarrizketan. Ezkerreko hauteslegoaren babesa eskuratzeko bidean, aurrean izango ditu Bost Izar Mugimendua (M5S), orain arte gobernuan egon den Matteo Renziren PD alderdia eta Pietro Grassoren Liberi e Iguali alderdi sortu berria.
Zentro-ezkerra zatitua
Zentro ezkerra zatituta iritsi da 2018ko hauteskunde orokorretara. Azken legegintzaldian gobernuan egon den PD alderdiak zuzendutako austeritate politikek arrakalak eragin dituzte sozialdemokrazian.
Haustura horren ondorio politikoetako bat, Pietro Grasso buru duen Liberi e Iguali alderdiaren sorrera izan da. Lehen ministro ohi eta PDko buru Matteo Renziren hautagaitzak, zentroko hauteslegoa bereganatzeko, bere mezua nabarmen moderatu du. Bitartean Liberi e Iguali mugimendua ezkerreko botoa monopolizatu nahian dabil, PD-k eskuinaren tesiak besarkatu dituela argudiatuz.
Iragarpenak txarrak dira bi alderdientzat. Ikusteko dago martxoaren 4aren ostean irekiko den eszenatoki berrituan alderdiek zein bide hartuko duten. Zentro-ezkerraren krisia probestu dezake Potere al Popolo-k bere freskotasunaren aldarria egin eta ezkerreko benetako alternatiba bezala agertzeko gizarte italiarraren aurrean.
Bost Izar Mugimendua (M5S)
Beppe Grillo komediagileak sortutako M5S alderdia indartsuen agertzen da inkestetan eta lehen indarra izateko aukera asko du. Halere, ezinezkoa izango du gobernurik eratzea beste alderdi nagusiren batekin akordiorik lortu ezean. Grilloren alderdiak eta PD-k osaturiko gobernuaren aukera, egun urruti atzematen da.
M5S-k sorreran aldarrikatutako balore ezkertiarretatik urrun, azken urteetan immigrazioaren aurrean agerturiko jarrera atzerakoiek faktura pasa diezaiokete bere boto emaileen aurrean. Are gehiago pasa den astean Maceratta hirian eskuin muturreko militante batek etorkin afrikarren aurka egindako atentatuak sortu duen haserrearen ostean. M5S-ren diskurtso populista arriskutsua salatzea izango da Potere al Popolo-k martxoaren 4 bitartean izango duen beste erronketako bat, ezkerreko botoaren zati bat bereganatu nahi badu behintzat.
Eskuina eta eskuin muturraren aliantza
Aliantzak beharrezkoak izango diren eszenatoki honetan, gobernua osatzeko aukeren artean indar handien hartu duena eskuineko hainbat alderdik osaturikoa litzateke. Berlusconiren Forza Italia, Lega Nord eta Fratelli di Italia alderdi xenofoboen baturak eskuineko gehiengo parlamentarioa osatzea ekar lezake. Hortik gobernua eratuko den edo ez, ikusteko dago.
Hauteskundeetako emaitzei beldurrik izan gabe, Potere al Popolo-ren sorrera, Italiako mugimendu sozialek azken urteetan bizi duten ahalduntze giroaren seinale da. Actual local, think global filosofiaren barruan, Napoliko auzo asanblada bateko ideia hauteskunde orokorretan alternatiba izan nahi duen tresna bihurtu da. Emaitzak emaitza, ez da makala Italiako eragile sozialek hilabete gutxiren buruan lortutakoa. Hauteskundeen ostean ere eta gobernuari itxaron gabe, esperientzia hau sostengatu duten eragileek herrigintzan jarraituko dute. | news |
argia-997b0a0a699f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/joseba-eskubi.html | Izuaren balizko zientzia | Xabier Gantzarain | 2018-03-04 | Izuaren balizko zientzia
Arte Ederretako irakaslea izateaz gain, artista ere bada Joseba Eskubi Munitis (Bilbo, 1967ko apirilaren 10a). Forma organikoak pintatzeko joera izan du beti, bere eskutik bizia hartzen duten organismoak, izuaren balizko zientzia baterako partikulak, auskalo zein mundutako izakiak, gauzakiak, gizakiak, auskalo zein infernutakoak. Eguneroko horretakoak, beharbada. Atzizkia da gakoa: -kiak. Zerbaiten zati, zerbaiten hondar, zerbaitetik eratorriak. Saihets batetik datozen saiheskiak.
Belleza Infinita argitaletxeak kaleratu zuen Insomnia liburu zoragarriarekin liluratu gintuen 2014an. Hainbat arte katalogotako erreprodukzioen gainean hasi zen margotzen, leun, urtsu, materiaren eta keinuaren sentsualtasuna nabarmenduz, hartan atsegin hartuz eta emanez, baina ez atsegin gozo bat, arina, pisurik eta sakontasunik gabea, begiak eta bihotzak durduzaz eta dardaraz uzteko moduko atsegina baizik. Izuaren balizko zientzia baterako molekulak; eguneroko bizitzaren arroztasunari idatzitako ipuin baterako maiuskulak eta minuskulak.
Aurrez ere bai, ondoren akaso gehiago, sarean joaten da jartzen bere lana Joseba Eskubi, bere webgunean ez ezik baita sozialak esaten diegun beste sare pelagiko horietan ere. Eta askorentzat, niretzat bederen, sare sozialetan egunean ikusiko dudan gauzarik ederrena izan ohi da bere koadro bat, bere irudi bat, batek daki zerekin eta zeren gainean pintatua, batek daki irudi digitala baldin bada ere, hemengo irudi honen kasuan bezala. Zer axola du? Pintorea beti ari da pintatzen, baita pinturarik gabe ere.
Kultura palimpsesto erraldoi bat zela esan zuen norbaitek, behin eta berriz ezabatua, behin eta berriz gainetik idatzia. Halaxe izuaren balizko zientzia bat ere, egunerokoa: egunero hasi eta hasi, egunero hazi eta hazi. | news |
argia-f130e515ba6e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/lur-eta-ekai.html | Lur eta Ekai | June Fern�ndez | 2018-03-04 | Lur eta Ekai
Artikuluaren lerro-burua hauxe: Euskaltzaindiak zakila arazo linguistiko bilakatu zuenekoa . Axier Lopez kazetariak ARGIAn publikatutakoa. Horrela hasten zen: "Orain bi hilabete jaio zen Lur. Artean izen ofizialik ez bazuen ere, Lur izan da burua mundu honetara atera aurretik eta ondoren. Haurdunaldian ez genuen bere hanka-tartearen berri eduki nahi izan. Genitalen forma bigarren mailako kontua iruditzeaz gain, gure burua eta ingurua ez genituen aurrez baldintzatu nahi genero jakin bati dagokion klixeekin". Alegia, zakilarekin jaiotako haurrari erregistro zibilean Lur jartzeko bizitako via crucisa kontatu zuen.
Espainiako Erregistro Zibilaren legeari men eginez, Euskaltzaindiak 2001etik aurrera sexuaren araberako bereizketa finkatu du izenetan, eta izendegi hori kontsultatu egiten dute herrietako erregistro zibileko langileek gurasoek erabakitako izena arraroa iruditzen bazaie. Izendegian Iraitz mutil izena dela jartzen badu, gurasoei kostatuko zaie izen hori aluarekin jaiotako haurrari jartzea.
Euskaltzaindiak eztabaida politikoetan parte hartzen ez duela, legea bete baino egiten ez duela, arazo handia ez dela eta jende oso gutxi kexatu dela erantzun du orain arte. Badirudi egun kexatu den jendea ez dela hain gutxi, pasa den urtarrilean Euskaltzaindiak Justizia Ministerioari euskal izendegiarekin malguago joka dezala eskatuko dio eta, euskararen ezaugarri propioak kontuan izan ditzan.
Ekairen heriotzaren berri izan genuen duela bi aste.
16 urterekin bere buruaz beste egin zuen Ondarroako mutil transexuala. Chrysallis Elkartearen esanetan, nerabe batentzat gehiegizko batailak borrokatu behar izan zituen Ekaik egunerokoan: Erregistroan izen-aldaketa lortzeko borroka...
Ekairen heriotzaren berri izan genuen duela bi aste. 16 urterekin bere buruaz beste egin zuen Ondarroako mutil transexuala. Chrysallis Elkartearen esanetan, nerabe batentzat gehiegizko batailak borrokatu behar izan zituen Ekaik egunerokoan: Erregistroan izen-aldaketa lortzeko borroka, Gurutzetako "genero unitatean" inoiz heldu ez zen behar zuen hormona-tratamendua jasotzeko borroka, institutuan bere errealitatea ulertu eta ondorioz errespetatzeko egin ez zen formakuntza-saioa ematea lortzeko borroka…
Aurreko astean hain zuzen ere, Chrysallis Elkarteak Legebiltzarrean transexualen legea egokitzea eskatu zuen, patologizatzearekin bukatzeko. Hormonak lortzeko prozesua motela da, besteak beste nerabeek zein helduek genero disforia diagnosia jaso behar dutelako lehenago. Hezkuntza sisteman transexualitateari arreta egokia emateko protokoloak garatzea ere eskatu dute. Ekairen bizitza goibeldu zuten borroketariko bi. Hirugarrena, izena aldatzeko trabak.
Hori dela eta, izendegiaren kontuaz akordatu naiz. Kontua ez da soilik euskararen ezaugarri propioak dituela onartzea (Lur edo Hodei bezalako izenen tradizio mistoa), baizik eta Espainiako Erregistro Zibilaren legea bera transfobikoa dela ulertzea. Legeak debekatzen dituen izenen artean, "los que hagan confusa la identificación y los que induzcan en su conjunto a error en cuanto al sexo" aipatzen ditu. Gizarte binarista honek pertsonen sexua identifikatzeko zailtasuna mehatxu bezala ikusten du. Sexu anbiguotasunak arriskutsua dirudi, bake sozialerako atentatu bat.
"Dualismoaren tirania birpentsatu beharko genuke. Nik aniztasunaren pedagogiaz hitz egin izan dut", esan du Dau García Dauder ikerlariak ARGIAn publikatutako elkarrizketa eder batean . Ekairen omenez antolatutako elkarretaratzeen leloa; "Ez da suizidioa izan, erailketa baizik" izan da, transfobia izan baita Ekairi bizitzeko grina kendu diona.
Axier Lopezen azalpenak dualismoaren tirania auzian jartzeko nahia adierazten zuen, baina transfobia instituzionalaren horma gogorrarekin topo egin zuen. Ekai erail zuen horma bera. | news |
argia-6a462f5a7992 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/uhandre-palmatuaren-kasua.html | Eukaliptoa eta pinua kaltegarriak ote anfibioentzat? | I�aki Sanz-Azkue | 2018-03-04 | Eukaliptoa eta pinua kaltegarriak ote anfibioentzat?
Santa Ageda bezperako makiladek esnatu izan balute bezala, negua igarotzeko erabili duen gordelekua utzi eta inguruko hezeguneetara joaten da uhandre palmatua ugaltzera. Orain du garaia. Han izango da putzuaren hondoko hostoen azpian ezkutatua, edo agian bista-bistan, bere kolore arreak hura ikustea zailduko dizun arren. Ugaltzea eta osasun ona izatea, ordea, ez dago soilik uhandrearen esku. Izan ere, Aranzadi Zientzia Elkartearen azken ikerketen arabera, pinu eta batez ere eukalipto landaketak, uhandreen osasunarentzako eta ugalketarako kaltegarriak dira.
Uhandre palmatua Europa mendebaldeko espeziea da, eta Euskal Herrian nahiko animalia arrunta; Nafarroa hegoaldean izan ezik, gainontzeko guneetan topatu ahal izango dugu. Arrunta izateak, ordea, ez du ezagun bihurtzen, eta oraindik ere asko dira gure artean anfibio txiki eta berezi hau sekula ikusi ez dutenak. Ezagutzen dutenen artean, badira "lauhankakoa" deitzen diotenak. Izan ere, adineko askok uhandre palmatua lau hankako zapaburua dela uste du. Usteak, ordea, erdia ustel. Uhandre palmatua, igel eta apoak ez bezala, heldua denean izango duen forma berarekin jaiotzen da. Emeak uretako belar finetan uzten dituen arrautzetatik aterako dira uhandre jaioberriak.
Arrautza horiek jarri eta euren bizi-zikloa bete ahal izateko lurraren eta uraren beharra dute. Horregatik uhandreek ugaltzeko erabiltzen duten hezegunea ez ezik, hori inguratzen duen lur-eremua ere oso garrantzitsua da. Anfibioak bizirik jarraitu behar badu, biak behar ditu egoera onean.
Hori kontuan izanik, eta putzuek eta euren inguruneek Euskal Herrian izan duten bilakaera ikusita, Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailak hainbat ikerketa burutu du azken urteetan. Esaterako, gure putzuen inguruko baso mota eta zuhaitz landaketek bertako faunaren osasunean eraginik baduten edo ez ikusi nahi izan dute. Baso horien artean daude, hariztia bezalako bertako basoak, eta landaketen artean, pinuarenak eta azken urteetan gurean asko ugaritu diren eta eztabaida handia sortu duten eukalipto-landaketak. Azterketa horiek egiteko, Aranzadikoek espezie bioadierazle bat aukeratu dute. Inguruneari buruzko informazioa emango dien animalia; zein, eta uhandre palmatua.
Maider Iglesias-Carrasco eta Carlos Cabido herpetologian doktoreen lan-taldeak ondorioztatutakoaren arabera, bizilekuak, hots, putzua kokatua dagoen inguruneak eragin zuzena eduki dezake uhandre palmatuen osasunean eta emeak arra aukeratzeko prozesuan. Izan ere, hainbat ikerketaren arabera, eukaliptoek lurrera isurtzen dituzten substantziek uhandreen osasunean eta gorputzen ezaugarrietan eragina izan dezakete.
Bi uhandre: goikoa emea da, borobilxeagoa, eta behekoa arra, atzeko hankak palmatuak dituela.
Argazkia: Iñaki Sanz Azkue.
Aranzadiko lan-taldeak Euskal Herriko eukalipto-landaketetan, pinu-landaketetan eta hariztietan harturiko uhandre palmatuak aztertuta ondorioztatu ahal izan duenaren arabera, bertako basoetako banakoek ezaugarri sexualak –hanketako palmaturak, gandor kaudala eta buztaneko harizpia– beharko luketen tamainakoak dituzte. Eukalipto landaketetan, ordea, arrek palmatura, gandorra eta harizpia txikituak dituzte. Pinudietan, tarteko tamainak agertzen dira, nahiz eta eukaliptoen kasuan bezala kalte egiten dutela ondorioztatu duten.
Hori gutxi balitz, ateratako emaitzen arabera, pinudietako eta, batez ere, eukaliptadietako uhandreek erantzun immunologiko eskasagoa dute, eta beraz, osasun egoera makalagoa, hariztietakoek baino. Ikerlarien arabera, osasun egoera txar horrek eragin zuzena du emeak arra aukeratzerakoan. Egindako azterketen arabera, eukalipto landaketetako emeek duten osasun egoera makala dela medio, ez dute energia askorik xahutzen arra aukeratzen. Beraz, baso-motak eragin zuzena edukiko du uhandre palmatuaren etorkizuneko belaunaldietan, ez baitute arrik onena aukeratzeko nahikoa indar.
Ateratako emaitzek ez dituzte leku onean jartzen gero eta ugariagoak diren eukalipto-landaketak, eta aldiz, dagoeneko gure artean hain urriak diren hariztiek emaitzarik onenak eman dituzte. Autoreen arabera, gainera, oso litekeena da ikerturiko landaketak basoan bizi diren beste anfibioentzako ere kaltegarriak izatea. Nork esango luke horrelako animalia txiki eta sentikor baten azterketatik horrelako ondorio garrantzitsuak aterako zirenik? Gauza txikiek ere asko baitute esateko ingurumenean… | news |
argia-5d211614b586 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/ontzineda-auzia.html | Zor bidegabearen ekaitz perfektua Lizarrako zeruan | Urko Apaolaza Avila | 2018-03-04 | Zor bidegabearen ekaitz perfektua Lizarrako zeruan
PSN eta UPNren iraganeko udal agintaldietako alkateek operazio urbanistiko batean sinaturiko klausula osagarriek 14 milioi euroko zuloa utz dezakete Lizarrako Merindadeko hiriburuko diru-kutxetan, urtebeteko udal aurrekontua adina. Beste corralito bat Nafarroako bihotzean.
Lizarran duela urte batzuk kirol instalazio bat eraikitzeko operazio urbanistikoak buruhauste handiak ekarri dizkio udalari eta kalte ugari herritarrei, egungo alkate Koldo Leozen (EH Bildu) arabera orain kiebrara eraman baitezake udalerria. Nafarroako Kontuen Ganberak kaleratu berri duen txostenak susmo horiek baieztatu baizik ez ditu egin.
Proiektua 2004an onartu zen, Lizarrako Udalean PSN zegoela, Ontzineda inguruneko 90.000 metro koadroko lur eremuetan "presentziarik gabeko arkitekturaren" bidez kirol hiri handi bat eraikitzeko helburuz, ideia lehiaketaren irabazleen esanetan. Lorenzo Barno arkitekto lizarratarrak Raíces (Sustraiak) memorian azaltzen duenez, natura "moldatu behar zen bere esanahi osoa aprobetxatzeko", eta horrek "mugarik gabeko interbentzioa" eskatzen zuen. Baina gauza bat zen proiektua, eta bestea hori aurrera ateratzeko zein bide aukeratuko zuten agintari publikoek: hurrengo urteetan birkalifikatze eta desjabetze ugari egin zituzten hitzarmenen bidez, espekulazioari atea irekiz.
UPNk 2007an alkatetza hartu zuenean ekimena baliogabe geratu zen ordea. Alde batetik, udalak kirol hiria eraikitzeko Nafarroako Gobernuak emandako milioi bat euroko dirulaguntza desbideratu zuen futbol zelai bat berritzeko. Bestetik, administrazioarekiko auzien salak hainbat lurjabek jarritako helegiteak onartu zituen, birkalifikatzeak bertan behera utziaz.
Eta hala ere, bai PSNren garaian, bai UPNrenean ere, hitzarmenei klausula kaltegarriak erantsi zizkieten, eta ondorioz, lurjabeei eta eraikuntza-promotoreei ordaindu beharreko diru kopurua izugarri handitu zen.
EH Bilduk 2015ean lortu zuen hiriko alkatetza, Geroa Bai eta Ahora-Orain-en babesari esker. 2017ko irailean, indar horiek publikoki salatu zuten Ontzineda operazioak udalerriari sorturiko egoera larria, eta orain Nafarroako Kontuen Ganberak fiskalizazio txostena egin du Nafarroako Parlamentuarentzat –EH Bilduren eskariz–. Bertan azaltzen denez, agintaldi horietako arduradun politikoen kudeaketa txarraren eraginez Lizarrako Udalak "14 milioi euroko kalte ordainari egin beharko lioke aurre".
Gobernu batzordearen baimenik gabeko sinadurak
Udalak lurjabeekin egindako tratuaren arabera, Ontzinedako terrenoen ordainetan beste lur batzuk emango zizkien –Ibarrako sektorea deitua– han etxebizitzak egiteko promesarekin, eta zortzi urtetan hirigintza aprobetxamendua garatu ezean, dirutan ordainduko zien beste lur horiek balio zutena, kanpo-aholkulari batek finkatutako prezioan: 43,94 euro metro koadroko.
Kontuen Ganberak ordea, "oso kontuan hartzeko" klausula batean jarri du azpimarra: udalak lurjaberen batekin prezio altuagoa hitzartuz gero, besteek ere diru hori jasotzeko eskubidea izango zutela.
Eta halaxe egin zuen. Lur sail bati 108 euroko prezioa onartu zion –besteena baino %245 gehiago–, lurjabearen tasazio pribatu bat bere eginez, inolako arrazoirik eman gabe. Hala, hirigintza plana aurrera atera ezean guztira ordaindu beharrekoa, 4,13 milioi euro izatetik 10,15 milioira igaro zen kolpe bakarrean.
Klausula osagarri horiek PSNko alkate Maria José Fernandez Aguirrek sinatu zituen eta hurrengo alkateak, UPNko Begoña Ganuza Bernaolak –egun kargu publikoa du Nafarroako parlamentari bezala– luzatu egin zituen. Txostenaren esanetan, sinadurak udal gobernu batzordetik pasa gabe egin ziren eta Kontuen Ganberaren ustez beharrezkoak ziren batzorde horren eta osoko bilkuraren baimenak. Alkateek ez zuten eskumenik, alegia.
Are gehiago, zerga erakundeak ez du aurkitu hitzarmenak justifikatzeko txosten teknikorik eta "aipatzekoa da, bestalde, hitzarmenen inguruko aholkulari, kontrol eta jarraipen lanak kanpoko enpresen esku utzi zituela Udalak".
Ganuzak txostenari jarritako alegazioetan dio teknikariek esan ziotela beharrezkoa zela "nire sinadurapean jartzen diren dokumentu batzuk sinatzea".
Urtebeteko udal aurrekontua adina kalte-ordain
Egungo udal gobernuak Ibarra sektoreko hainbat partzelatan berriz egindako tasazioek erakusten dute metro koadroak egiaz 2,25 euroko kostua duela –berriz ere nekazaritzarako lurrak baitira– eta gehienez ere 211.536 euro ordaindu beharko lizkiekeela lurjabeei. Baina klausula horien ondorioz 14 milioi ordaintzera derrigortuta egon liteke.
Lizarrako Udalaren 2018ko aurrekontua 11,7 milioi eurokoa da. Datu hori eskuan uler daiteke Koldo Leozek joan den udazkenean Nafarroako Parlamentuko agerraldian alarma jo izana: "Hiriak inoiz aurre egin dion finantza mehatxu handiena bihurtu da". "Negar saio bat egitera etorri zara", erantzun zion Inma Jurío PSNko parlamentariak lizarratar guztien ordezkariari.
EH Bilduko alkateak ere datu harrigarriak eman ditu, esaterako lurrak eskuratu zituzten hiru eraikuntza-promotoretako bi –Actividades Alhama SL eta Promociones Herchi SL– hitzarmenak sinatu baino egun batzuk lehenago eratu zirela, bata Tuteran eta bestea Fiteron.
Hortik hilabete batera, 2017ko urriaren 26an Nafarroako Parlamentuan egindako politika orokorreko kontrol plenoan, Jose Javier Esparza UPNko buruak hitzeman zuen Uxue Barkosen gobernuak hartutako neurri guztiak atzera botako zituela boterea iristean. Barkosek segidan: "Beste Ontzineda bat hitzematen ari zara?...", baina lehendakariak ezin izan zuen amaitu, Begoña Ganuzak saioa eten zuen oihuka "hau ez dut toleratzen!" esanez. Hirigintza operazioaren atzean egindako irregulartasunak gero eta ageriago geratzen ari dira, eta orain Kontuen Ganberako txostenak are gehiago itxi du erantzukizun politikoak izan zituztenen gaineko hesitura: "Kontuen Ganberaren konklusioa da hirigintza hitzarmenek ez zutela arautegia behar bezala bete".
EH Bilduko alkateak ere datu harrigarriak eman ditu, esaterako lurrak eskuratu zituzten hiru eraikuntza-promotoretako bi –Actividades Alhama SL eta Promociones Herchi SL– hitzarmenak sinatu baino egun batzuk lehenago eratu zirela, bata Tuteran eta bestea Fiteron. Udaletxeko artxiboan dokumentazioa falta dela ere jakinarazi du Leozek.
Kirol hiria eraikitzeko 22 milioi euro beharko zirela kalkulatu zen bere garaian. Kontuen Ganberak azaldu duenez, orain arte udalak azpiegitura egiteko eta desjabetze prozesu osoan 940.400 euro gastatu ditu –horietatik 790.500 proiektua erredaktatzeko–.
Irtenbideetako bat izan liteke Ibarrako sektorean etxebizitzak egitea, oraindik zortzi urteko epe barruan baitaude zenbait hitzarmen betetzeko; gainerakoentzat beranduegi da. Bestetik, Nafarroako Kontseiluak hitzarmenak baliogabe utz ditzake, baina orduan lurjabeek indemnizazioak eska ditzakete. Udalak diru-kutxan dituen soberakin guztiak erreserbatu ditu etorkizuneko gastuei aurre egiteko –lau milioi euro– eta horrek inbertsiorako ezer gabe utzi du aurten. Zor bidegabearen ekaitz perfektu bat gailendu da Lizarrako soroen gainean. | news |
argia-bca1be774326 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/pekinek-mendebaldeari-esan-dio-ito-zaitezkete-zeuen-plastiko-zikinetan.html | Pekinek Mendebaldeari esan dio: "Ito zaitezkete zeuen plastiko zikinetan" | Pello Zubiria Kamino | 2018-03-04 | Pekinek Mendebaldeari esan dio: "Ito zaitezkete zeuen plastiko zikinetan"
Urtarrilaren 1ean Txinak bete du 24 motatako hondakinen inportazioa debekatzeko erabakia. Biharamunetik Europan eta Ipar Ameriketan gainezka daude teorian birziklagarriak diren hondakinen biltegiak eta ez agintariek eta ez enpresek ez dute asmatzen epe laburrean zer egin, batik bat plastiko hondarrekin, mundu osoko zabor esportazioen erdia Txinak hartu baitu orain arte. Txinak ohartarazia zuen ez duela munduaren zabortegi izaten jarraitu nahi.
Sundance eta beste zenbait zinemalditan arrakasta edukiagatik, film batek nekez alda lezake mundua. Baina China Plastics dokumentalak lortu du –internetez ikusteko debekua urratuta bertako herritar askori begiak irekiz– Pekingo agintariei presa sartzea. Filmak gordin erakusten ditu mundu osotik teorian birziklatzeko inportatutako plastikoek zein larri kaltetzen dituzten Txinako jendeen osasunak eta bizitzeko behar dituzten lur, haize eta urak.
Hogei urte baino gehiagoz Txina izan da munduko hondakin birziklagarrientzako biltegi eta fabrika nagusia. 2016an planeta osoan esportatzen ziren plastiko, paper eta metalezko hondakinen %56 Txinara zihoazen. AEBek urte horretan 16.000 milioi tona bidali zien, 5.200 milioi dolarren truke. Kanadako hiriek bere hondakin birziklagarri gehienak bidaltzen zizkieten.
Europatik berdintsu. Britainia Handiko birziklatze enpresen buruak kazetariei aitortu dienez, "20 urtez plastiko birziklagarriak Txinara esportatuz moldatu gara eta orain zer gertatuko den ez dakigu". Irlandak ohartarazi du bere hondakin pilak laster "krisi mailara" iritsiko direla; plastikoen %95 Txinara bidaltzen zituzten irlandarrek.
Pacific Standard egunkariak " Nola Txinak birziklatze merkatu globalak inarrosi ditzakeen " dioenez, Txinari beren zakarrak bidaltzen dizkioten esportatzaile handienak dira AEB, Japonia eta Alemania. Ondoren datoz Britainia Handia eta Malasia, eta horien atzetik datozen zazpi herrialdeen artean daude Espainia eta Frantzia. Pentsatzekoa da, beraz, Txinak uretara jaurtitako harrikadaren uhinak Euskal Herriraino iritsiko direla.
2008rako Txinak irrikaz bilatzen zituen lehengaiak bere manufaktura industria, etxegintza eta azpiegituretarako. Materialak urri eta lanerako jendea soberan, metalak bezala papera eta plastikoa atzerritik ekarritako hondakinak birziklatzea merkeagoa zaio oraindik ere lehengai gordinetatik ekoiztea baino.
Ordainetan, herrialde aberatsei merkeago ateratzen zaie beren hondakin birziklagarriak horien gosez dagoen Txinari saltzea etxean tratatzea baino. Adibide nabarmen bat motor elektrikoena da. Europako edo Ipar Ameriketako birziklatzaileei garestiegi zitzaien horien karkasak ireki eta barruko materialak eskuz bereiztea. Biltegietan pilatuz zihoazen alferrikako motorrok Txina hasi zen erosten 90eko hamarkadan.
Urteotan, eta gaur ere, Txinak aprobetxatzeko moduko zernahi erosi du mendebaldean. Hondakinen trafikoa ulertzeko, garraio merkeetan dago gakoa. Itsasontziak, Mendebaldeko portuetara mota guztietako produktuak eramandakoan, Txinara itzuli ohi dira hondakinez zamatuta. Plastikoei dagokienez, nagusiki portu handien inguruetan kokatuta dagoen manufaktura industria txinatarra bertan ekoizten ez den plastikoa erruz behar du, horregatik erosten ditu prezio onean urrutitik ekarritakoak.
Joan den uztailean WTO Munduko Garraio Erakundearen biltzarrean garbi ohartarazi zuten Pekingo ordezkariek: "Guk lehengaitzat erabiltzeko dakartzagun hondakinek nahastuta dakartzate zabor zikin asko eta baita hondakin arriskutsuak ere. Eta Txinako ingurumena larri kutsatzen dute". Orain urtarrilaren 1ean 24 hondakin mota debekatuta oharra ulertzen hasi beharko dugu Mendebaldean, gogoz kontra bada ere.
Munduko fabrika eta zabortegi globala
Birziklagarrien inportazioetan ordena jartzeko ahaleginean 2013tik ari ziren agintari txinatarrak, Hesi Berdea operazioa abian jarri zutenetik. Motiboak badauzkate. Hasteko, urrutitik ekarritakoen birziklatzea ez da hasieran bezain negozio errentagarria, urteotan herrialdearen aberaste eta soldaten igoerarekin eskulana garestitu egin da.
Bestalde, lehengaitarako balio duten hondakinak ekartzeko aitzakiarekin nazioarteko zabor trafikoak zabor birziklaezin asko eraman ditu Txinaraino edozein bazterretan pilatu, lurperatu edo erre ditzaten. China Plastics en irudietan ikus daiteke Txinako hiri inguruak bezala landa eremuetako soro eta errekak zenbateraino bilakatu diren urrutiko zaborren biltegi kutsakor, bertako biztanleen bizimodua pozoituz. Filmak erakusten du eskuzko birziklatze lanetan osasuna galtzen duten helduen eta haurren bizimodu latza ere.
Eta zer egingo dute hondakinen esportatzaileek? Urte hasieran Europa eta AEBetako agintari askok ez zekiten nola erreakzionatu. Britainia Handiko Ingurumen ministro Michael Govek aitortu zuenez, "ez dakit zein ondorio ekarriko dituen, argi eta garbi aitortzen dizuet". Badirudi plastikoz gainezka daudenen adabaki bat izango dela Txinak baino are kontrol arinagoak dauzkaten herrialdeetara bidaltzea: Vietnam, Malaisia, Thailandia...
Ez dute aski izanen gero eta plastikoa gehiago kontsumitzen dutenek. Birziklatzeko azpiegituretan aspaldi oso gutxi inbertitu duten agintari eta industrialek erreakzionatu beharko dute. Eta saiatu beharko dute hemengo birziklatzeko sistemak Txinak ezarritako estandar berrietara egokitzen: orain arte plastiko birziklagarrietan %1,5eko kutsadura onartzen bazuen, %0,5era estutu du muga, hori baino zikinagorik ez du onartuko. Gure artean birziklapena edozeri deitzen diotenek garaiz ikasiko ote dute hondakinen gaikako bilketaren kalitate onaren garrantzia?
Litekeena da, ordea, Mendebaldeak are gehiago jotzea erraustera, #breakfreefromplastic [Aska zaitez plastikotatik] kanpainako arduradunek ohartarazi dutenez: "Hondakinen arazoari kutsadura arazo berria gehitzea litzateke, negutegi eragineko gasak eta minbiziak sortzen dituzten dioxinak isuriz".
GAIA Errausketaren Aurkako Nazioarteko Mugimenduak oroitarazi du birziklatzea ez dela aski, plastiko hondarren krisiarekin ikasi beharra daukagula: "Bizi dugun kutsadura krisitik ateratzeko ez dago beste biderik plastiko gutxiago ekoitzi eta kontsumitzea baizik". Baina industria ez dago horretan. Berrikitan jakin denez, azken urteotan 146.000 milioi euro inbertitu ditu industria petrokimikoak datorren hamarkadan plastiko produkzioa %40 handitzeko. Norbaitek nozituko du.
China Plastics dokumentalak baditu pasarte gogoangarriak. Batean, birziklatze lantegi bateko ugazaba eta beste herritar bat entzuten dira eztabaidan: "Zergatik datoz beste herrialdeak beren zaborrak Txinan lurperatzera?". "Ezin dutelako beren hondakina ondo sailkatu". "Mesedez... arma nuklearrak ekoiztu ditzakete eta ezin dute hondakina sailkatu? Bidaltzen diguten hau kaltegarria da, toxikoa ere izan daiteke. Nori ardura dio besteei eragindako kaltea etekinak ematen dituen bitartean?". | news |
argia-e2ef88aad151 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/greba-feminista.html | Bide luze baten abiapuntua | Ilazki Gainza Giraldo | 2018-03-04 | Bide luze baten abiapuntua
Emakumeentzako greba da Euskal Herriko mugimendu feministak antolatutakoa. Ezker-eskuin begira aritu dira, eredu bila: Islandia (1975), Herrialde Katalanak (2015), Polonia (2016), iaz berriz, 70 herrialdetan gutxi-gehiago zabaldu zen greba... Ez da lanpostua babesteko lanuztea, ez da lan baldintza duinak aldarrikatzeko eguna. Emakumeek bizitza duina eskatuko dute eta hori lortzeko lantokian, zaintza lanetan, ikasketetan, aisialdian, kalean, dituzten fronteak lehen lerrora ekarriko dituzte.
"Martxoaren 8a beti izan da langile mugimenduari lotutako eguna eta horretan sakondu nahi dugu: emakume eta langile izatea gurutzatzen diren zapalkuntza horretan. Greba feminista, greba da; baina kasu honetan greba produktibotik erreproduktibora heltzen den greba izango da". Naia Torrealdai Mandalunizen hitzak dira, Bilboko Bilgune Feministako kide eta M8ko grebaren antolatzaileetakoaren hitzak. Emakumeak geldituz gero zer gertatuko litzateke? Zaintza lanak baloratzen al dira jendartean? Kontziente al gara horien beharraz lanera edo eskolara garbi jantzita, ondo elikatuta eta osasuntsu goazenean? Nork egiten ditu halako lanak? Gehienetan emakumeek, batzuek ordainpean eta beste askok (gehienek) doan.
Mugimendu feministak emakume guztiei deia luzatu die martxoaren 8an egingo diren lanuzte eta ekintzetara bertaratzeko; aldi berean, ezin dutenei baina grebaren beharra azpimarratzen eta babesten dutenei amantalak leihotik zintzilikatzeko eskatu diete. Antolatzaileak jabetzen dira zaintza lanetan eta beste hainbat lan prekariotan dabiltzan emakume askori ezinezkoa izango zaiola grebara fisikoki batzea. Ondorioz, ikusgarritasuna eta babesa emateko modu desberdinen bila aritu dira, emakume bakoitzaren egoera desberdina dela kontuan izanda. Aurtengo greba feminista prozesu luze baten hasiera dela diote, oraindik borroka-urte asko geratzen dira zoritxarrez, eta lehen urratsa zaintza lanei eta horietan lanean dabiltzan emakumeei ikusgarritasuna eta balioa ematea da.
Zaintza lanen feminizazioaz eta beste kontuez aritu gara Silvia Cony Haydee Rivasekin, Munduko Emakumeak elkarteko kidearekin. Harro dago greba feministan zaintza lanen prekarizazioa ozen eta sendo salatuko delako. Zaintza grebak egitearen garrantzia azpimarratu du egoera salatu eta ikusarazteko baliabide eraginkorra delakoan, jendartea eta erakundeak presionatzeko, besteak beste. Martxoko greba prozesu bat izaten ari den era berean, zaintza lanak egiten dituzten ordainpeko etxeko langileek beren egoeraz jabetzeko prozesu luze bezain sakona lantzen dutela ziurtatu du. Lehenik eta behin, "gure eskubideen jabe ez bagara, beldurra eta presioa gailentzen dira. Etxeetan interna moduan lanean dabiltzan emakume gehienak migranteak dira, asko paperik gabe daude eta beren eskubideen jabe ez direnez, beldurtuta daude. Nola batuko dira grebara, askok atsedenik ere ez badute?". Lanuzteez gain, amantala zintzilikatzea edo besoko morea eramatea moduko ideien garrantzia goraipatu du, sinbolikoki bada ere, zaintza lanak ikusaraztea ezinbestekoa baita jendartea sentsibilizatu eta egoera aldatzen hasteko.
Zaintza lanak pribatizatutako lanak dira, askotan etxean egiten direnak eta horrek oztopatzen du bertan pasatzen denaren berri izatea. Sarri emakume zaintzaileaz eta nagusiaz gain, beste inork ez du egoeraren berri izaten. Atzerritik lanera etorritako emakume horiek, Euskal Herrian beren bizitza sostengatzeaz gain, beren herrialdean familiari ere eutsi behar izaten diote eta presio hirukoitza eragiten die: nagusiarena, bere familiarena, eta beren buruei ezarritakoa. Esplotazioa, lan jardun amaiezinak, atsedenik gabe lan egiteko beharra, beldurra, eta bakardadea jasaten dituzte; prekarietate egoera latza, alegia. Munduko Emakumeen elkarteko Haydee Rivasek zerrenda luzatu du: sexu abusuak, bortizkeria, gaixotasunak eta xenofobia.
Silvia Cony Haydee Rivas, Munduko Emakumeak elkarteko kidea harro dago greba feministan zaintza lanen prekarizazioa ozen eta sendo salatuko delako
Etxeko langileok saretuta egoteari garrantzi handia ematen dio Haydee Rivasek: "Ez zara lehen aldian bakarrik joango milaka pertsona dauden manifestazio batera, zure lagunen, kideen babesa beharrezkoa da halakoetara ausartu eta zure egoeragatik borrokatzeko". Greban kolektibotasuna bermatzea eta aniztasuna –arraza, gorputz, herrialde, eta abar– bultzatzea ezinbesteko premisak direla iritzi dio. Berak azken urteetan jabetze prozesu sakona landu duen arren, badaki zaintza lanetan dabiltzan emakume migrante eta ez migrante askok ez dutela beren eskubideen berri, eta ondorioz lanuzteak egiteko, beren eskubideak aldarrikatzeko, sarean beren buruak babesteko mugatuta daudela. Emakume horiengana iritsi eta norberaren prozesuan babestea beharrezkoa dela aldarrikatu du, nahiz eta badakien lan zaila dela. Emakumeok egoera gogorrak bizi behar izaten dituzten arren, Haydee Rivas harro dago geroz eta gehiago ari direlako elkarteetan parte hartzen, saretzen, eta elkarren babesari esker, duten egoeraz eta eskubideez jabetzen: "Protagonistak gara, geroz eta gehiago", dio pozik.
Gizonak izan ditu gogoan Haydee Rivasek: "Ezinbestekoa da batez ere gizonak ohartzea zaintza lanei esker ez balitz, bizitzak ezingo lukeela aurrera egin eta denon artean banatu behar direla".
Martxoaren 8 hau, desberdina
Aurtengo martxoaren 8ak aurreko urtetakoekin dituen desberdintasunez galdetuta, Leire Murguialdayk, Donostiako asanblada feministako kideak zera aipatu digu: "Lehengo urtean ere lanuzte batzuk egin ziren, baina aurten jada prozesu bat abiatu dugu eta hori da garrantzitsuena, greba feminista antolatzeko lantzen ari garen prozesua bera. Orain arte jai kutsua izan dute martxoaren 8ek eta aurtengoan emakumeentzat elkargune izateaz gain, borrokarako eguna ere badela ikusarazi nahi dugu". Era deszentralizatuan antolatu dira Hego Euskal Herriko grebarako. Herri eta hirietan batzar ireki eta parte-hartzaileak egin dituzte azken hilabeteetan eta leku bakoitzean dituzten aukera eta indarren arabera egin dute greba eguneko antolaketa, ekintzak ere era batekoak edo bestekoak izango dira. Eskualde bakoitzaren idiosinkrasia kontuan izatea ezinbestekoa iruditu zaio Euskal Herriko mugimendu feministari, eta horregatik, helburu bera izanik, ekintza eta antolaketa autonomoa bultzatzen dute, nazio mailako saretzea bideratzen duen lantaldea ere edukita koordinazio orokorra egon dadin. Alabaina, eguneko bi momentutarako proposamen bera egin dute: 12:00etan ekintzak eta arratsaldean manifestazioa.
Murguialdayk "ekintza desobediente" gisa definitu ditu han eta hemen egingo direnak. Torrealdaik ondokoa gehitu du: "Greba feminista hau greba ohikoetatik bereizten da ez direlako sindikatuak greba deitzen dutenak, mugimendu feministak sindikatuen aliantzarekin baizik".
"Emakumeok* planto" manifestua
Emakumeok* planto lelopean grebarako deialdia zabaldu du Euskal Herriko mugimendu feministak lan, ikasketa, zaintza eta kontsumo esparruetan. Manifestuan hala diote: "Iaz, 70 herrialde baino gehiagotan, emakumeek* nazioarteko emakumeen* grebarako deialdia zabaldu zuten, emakumeen* kontra indarkeria eta desberdintasun molde ugari eragiten dituen munduaren aurrean. Aurtengo martxoaren 8an Euskal Herriko mugimendu feministak bat egin nahi du Emakumeok* planto aldarriarekin, menpean hartzen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko. Honako eguna bide luze baten abiapuntua izango da. Bide horretan, aliantza berriak ehunduko ditugu, bateratuz eta elkar ezagutuz, gure borrokak berriz pentsatuz, erresistentzia berriak eraikiz, eta baztertzen gaituen mundutik askatuz, betiere alternatiba feminista bat sortzeko helburuarekin".
Antolatzaileek emakume hitzari asteriskoa jarri diote eta hona haiek emandako azalpena: " Emakume izendapena erabiliko dugu, martxoaren 8ko greba feministan artikulazio politikorako baliagarria delakoan, nahiz eta genero sistema bitarraz gaindi askotariko gorputz, ibilbide, bizipen, ahalmen eta identitateak bagaren (bollerak, transak…)".
M8-an gizonak
Antolaketa batzarretan gizonen egitekoa martxoaren 8an zein izan behar den ez dute hausnartu, haien ustez gizonen lana delako eta ez mugimendu feministarena; azpimarratu dutena da gizonak aliatu izan behar direla, hau da, "gu gara subjektuak, emakumeon greba dela ulertu behar dute, eurek ez dutela greba egin behar".
12 pista M8ari begira
Espainiako Estatuan egoitza duen Genero Berdintasunaren Aldeko Gizonen Elkarteak (AHIGE) hainbat aholku eman dizkie gizonei. Sare sozialetan asko zabaldu dira eta euskararazko bertsioa ekarri dugu hona. Ondoren 12 gomendioak:
- Aita bazara zure seme-alabez arduratu eta eztabaida zein ikasle greba lagundu (guraso elkartean, eskolan...).
- Laguna bazara, zure lagunen umeak zaindu ditzakezu.
- Lankidea bazara, lantokian emakume* greba zabaltzeko, babesteko, zerbitzu minimoak egiteko edo emakume* lankideen lana egiteko eskaini ahal duzu zure burua. Eguneko soldata mugimendu feministari eman diezaiokezu, edo lantokian emakume* grebarentzat erresistentzia kutxa antola dezakezu.
- Enpresako nagusia bazara, zure enpresan lan egiten duten emakumeei* elkartasuna adierazi eta errepresalia, trabak eta arazoak saihestu.
- Ikaslea bazara, eskolara joango ez diren emakume* ikaskideak eta ikasleen lanuztea babestu.
- Irakaslea bazara, martxoaren 8an zerrendarik ez pasa. Gogoratu, zure ikasleen hutsegitea justifikatuta dago: kalean dabiltza "gu hiltzen ari dira" oihukatzen eta "bizi nahi dugu" aldarrikatzen.
- Zure familian, elkarbizitza taldean edo inguru afektiboan zaintza behar duenik badago, has zaitez egun horretatik aurrera ohituraz emakumeok* betetzen dugun lan horretaz arduratzen.
- Emakume* batekin harreman sexu-afektiborik baduzu, martxoaren 8an kalean egoteko behar duen laguntza guztia emaiozu.
- Zabaldu mezua zure lagun eta talde guztien artean. Militantea bazara, eraman zure eremu politikora.
- Ez kontsumitu saltokietan. Batu zaitez kontsumo grebara.
- Martxoaren 8an mobilizazioetara bazoaz (horrek esan nahi du aurreko egoeretan zure bizitzan ez dagoela zure laguntza behar duen emakumerik*), jar zaitez atzeko aldean, agindurik eman gabe, eta manifestazioa zuzentzeko asmorik gabe, laguntzeko jarrerarekin.
- Greba egunaren aurretik eta ondoren beste gizonezkoekin bildu zaitezke, maskulinitateen inguruan elkarrekin hausnartzeko, lan pertsonala eta kolektiboa egiteko, zuen pribilegioez kontzientzia hartzeko eta menderakuntzarik gabeko jendartea lortzeko bidean pausoak emateko.
Gizarte eredu osoa aldatzea helburu
Muga guztiak gaindituko dituen greba feminista proposatzen du mugimendu feministak. Aldarrikapenak lan munduaz harago doaz, lanaren kontzeptua birplanteatu nahi du eta horretarako zaintza betebeharrei eta kontsumoari lotutako lanuztearen aldeko apustua egingo du. Manifestuan hala dio: "Bizi dugun lan eta gizarte gatazka ez da sekula konponduko ugalketaren eremuari so egiten ez badiogu. Emakumeek* kalean, etxean, lantokian eta eremu intimoan hartzen duten espazioa berriro moldatu nahi dugu. Gure borrokak lan esparrua, politika, bizitza eta ekonomia zeharkatzen ditu. Hau ez da defentsarako greba hutsa: eredu osoa aldatuko duten proposamen politikoekin aterako gara kalera!".
Greba feminista ereduak nazioartean
Islandia 1975.
Islandia, 1975
Emakumeen %90ak greba egin zuen
1975. urtean, Reykjavik hiriburuan 25.000 emakume baino gehiagok kaleak hartu zituzten. Herrialde osoan emakumeen %90ak greba egin zuen. Banku, eskola, fabrika eta komertzioak itxi egin behar izan zituzten, hau da, herrialdea gelditu zuten. Horren ondorioz, gizonak geratu behar izan ziren zaintza lanetan.
Euskal Herriko mugimendu feministaren helburuetara gehien hurbiltzen den greba eredua da. Oraindik lan asko dagoen arren horrelako greba feminista bat egin ahal izateko, aurtengoa lehen urratsa da, eta martxoaren 8aren ostean ere lanean jarraituko dute "emakumeon prekarietatea hainbat eremutan salatzeko".
Euskal Herria, 2012
Amantalak balkoian
2012ko martxoaren 29an, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak Amantalak balkoira , emakumeok kalera lelopean pobreziaren feminizazioa eta zaintza lanen egoera prekarioa salatzeko greba deitu zuen. "Egungo greba feministaren aurrekaria izan zela esan dezakegu", dio Naia Torrealdai aurtengoaren antolatzaileetako batek.
Herrialde Katalanak, 2015
Vaga de totes
Herrialde Katalanetan ematen ari den mugimendua, Vaga de totes (Guztion greba) izenekoa, eredugarria izan da Euskal Herriko mugimendu feministarentzat. Hitzaldi eta ekintza ugari antolatu dituzte Euskal Herrian eta harreman estua dago mugimenduen artean.
2015eko maiatzaren 19an egin zuten Vaga de totes hainbat hiri, herri eta auzoetan. Guztion grebak greba orokor eredu klasikoa zalantzan jartzea eta lanaren kritika feminista egitea du helburu, historikoki emakumeek egin dituzten eta egungo sistemaren eta bizitzaren sostengua diren lan erreproduktiboak ikusaraziz.
Polonia, 2016.
Polonia, 2016
Abortatzeko eskubidearen alde
Europako herrialde horretan emakumeek arropa beltzak jantzi zituzten eta bandera beltzak haizatu. Lanera eta eskolara joateari utzi zioten eta bidean zen abortoaren legearen aurka egin zuten aldarri. Legeak abortatzea debekatuko zuen. | news |
argia-eb58eb94b75a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/gasteiz-1976-ez-ahaztu-ez-etsi.html | Gasteiz 1976: ez ahaztu, ez etsi | Juan Mari Arregi | 2018-03-04 | Gasteiz 1976: ez ahaztu, ez etsi
Espainiako Estatuko ordezkariek eta Arabako patronalak 1976ko martxoaren 3ko data ahaztu nahi dute.
Espainiako gobernuetako bat izan zen bost langileren heriotzaren eta ehunka zaurituren erantzule. Arabako patronalak berriz, greba orokor historiko hura sorrarazi zuen. Gertaera haiengatik justizia eta ordaina eskatzeari utz diezaiogula nahi dute, baina Martxoak 3 eta Goldatu elkarteak modu eredugarrian ari dira horretan. Langile klaseak, baita mugimendu hura guztia babestu zuten herri sektoreek ere, ezin dute ahantzi. Badator 42. urteurrena, eta komeni da konpromiso hori berritzea.
Ezin da ahaztu poliziak, Espainiako Gobernuaren agindupean –Manuel Fraga Iribarne eta Martín Villa buru– eta kapitalaren zerbitzura, su eta gar eragotzi nahi izan zuela mugimendu asanblearioa, sindikalgintza bertikalaren kanonetatik at zegoelako. Ezin da ahaztu, ezta ere, greba eta mobilizazio ugari ekarri zituen mugimendu hura posible izan zela asanbladetatik eta ordezkaritza batzordeetatik sorturiko autoantolakuntzarengatik. Negoziatzaileak bilkura haietan aukeratzen ziren eta patronalak ezin zuen antolaketa hori etxekotu. Bizirik jarraitu behar du emakume eta herri sektoreen parte-hartzeak, greba haien zabalkunde, garapen eta iraupenerako giltza izan baitziren. Gaur egungo langile mugimenduarentzat irakasgai garrantzitsua da hori.
42 urte igaro ondoren, Estatu krimen haren erantzukizun politiko eta sozialak ebatzi gabe daude, eta biktimek oraindik ez dute ordain justu bat izan. Baina ezin dugu etsitasunean erori. Martxoak 3 eta Goldatu elkarteak txalotu behar ditugu, zeregin neketsu eta zail horretan jarraitzen dutelako. Eta euskal administrazioari babes osoa exijitu behar zaio. | news |
argia-6403a15189cc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/zer-minek-hil-zuen-higuemota.html | Zer minek hil zuen Higuemota? | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-03-04 | Zer minek hil zuen Higuemota?
Hispaniola, 1522. Guarocuya kazikea eta haren emazte Mencia de Guevarak konkistatzaileen aurka altxa ziren eta 11 urtez borrokan aritu ondoren bertakoen eta konkistatzaileen arteko lehen hitzarmena sinatzea lortu zuten. Menciak aita Hernando de Guevara euskal itsasgizona zuen, Kolonen lehen espediziotan uhartera iritsitakoa; ama, berriz, Higuemota printzesa, Jaraguako Anacaona buruzagiaren alaba.
Guevara eta Higuemota 1500. urtean "maitemindu" eta ezkondu ziren. Handik aurrera Ana de Guevara izena hartu zuen –edo hartu arazi zioten–. Amerindiar eta europar baten arteko lehen ezkontza izan zen. Kolon anaiek ez omen zuten ezkontza begi onez ikusi eta Guevara atxilotu zuten. Haserre, euskal jatorriko itsasgizonak kolondarren aurka altxa ziren, Guevararen lehengusu Adrian de Muxika buru zutela. Matxinada gogor itzali zuten, Muxika atxilotuta eta exekutatuta.
Baina ez dirudi Muxikak bizia soilik lehengusuaren maitasun harremana defendatzeagatik eman zuenik. Bigarren espedizioan, 1497an, Muxika eta beste batzuk Bartolome Kolonen aurka matxinatu ziren eta, ez zen hura urte haietan konkistatzaileen buruzagiek izan zuten barne oposizio bakarra.
Higuemotaren ama Anacaonak ezkontzaz zeukan iritzia ere ez dago garbi. Zenbait iturrik diote berak bultzatu zuela ezkontza, konkistatzaileek zuten jakinduria miresten baitzuen. Hasieran hori hala izan balitz ere, europarren gehiegikeriaren aurka egiten ahaleginduko zen gero erregina –baita larrutik ordaindu ere–.
Beraz, badakigu Higuemotaren ama eta alaba konkistatzaileen aurka borrokatu zirela, baina ezer gutxi dakigu printzesaren beraren jarreraz.
Donald Trumpek Elizabeth Warren senatari demokrataren aurka "Pocahontas" ezizena irain gisa erabiltzeko ohitura itsusia du eta, berriki, Warrenek benetako Pocahontas nor izan zen gogoraraziz erantzun dio AEBetako presidenteari Amerikako Indiarren Kongresu Nazionalean. Pocahontas bahitu, espetxeratu eta bortxatu zutela aipatu du eta haren bizitza "ausardiaz eta minez" beteta egon zela.
Kronikalariek –beti ere konkistatzaileen aldekoek– Higuemotaz aipatzen duten kontu urrietako bat da printzesa "minak hil" zuela 1509an, sei urte lehenago senarraren heriotzak eragindako minak. Baina ez dute esaten haren ama urte berean urkatu izanak eragina izan zuela. Eta pentsatzekoa da Higuemotak bizitakoa gertuago dagoela Pocahontasen benetako bizitzatik Disneyko printzesaren maitasun istoriotik baino. | news |
argia-16f59a6a27eb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/eskola-eta-herria.html | Eskola eta herria | Kimetz Arana Butroe | 2018-03-04 | Eskola eta herria
Goizeko 7ak, etxeko arropa zaharren hautaketa egin, mozorroa jantzi eta gurutzatu dugu herria kalerik kale. Etxera bueltan datorren gau-paseroa, tabernari goiztiarra, egunkari banatzailea, begiradak gurutzatuz elkarren ondoko mundu paraleloak agurtu ditugu instantean. Euria ari du baina gogotsu nator, eskerrak halako egunak badiren gurean, bestela galdurik geundeke orden ofizialak ezartzen digun isolamenduan.
Irla bat gara itsasoan, aniztasuna eta tendentzia globalak nagusi diren XXI. mendeko jendarte urbanoan. Azken datuen arabera 100 hizkuntzatik gora mintzatzen dira Euskal Herrian, bere erreferentzia kultural, balore eta sonoritateekin. Honi gaineratuz bateko zein besteko tribuak, elkarren ondoan elkarren berri izan gabeko mikro mundutan bizi gara. Guztion gainetik berriz kultura komertzial ofiziala da nagusi Bizkaiko Ezker Ibarrean.
Badira zazpi urte jatorrizko inauteria berreskuratu genuela gure herrian. Etxez etxeko eske zaharra industriguneko auzotara bilakatu genuen, musika, dantza eta kantuz alaiturik, Carrascoliendas izena du Trapagaranen.
Oso egun maitatua da parte-hartzaileentzat. Agian, bizi garen sistemak dituen gabezia komunitarioei erantzuten dielako sorrarazten ditu hainbat emozio gure baitan. Pertsonek berezkoa dugu era espontaneoan elkartu, kalean kantatu, besarkatu, ukitu eta nahas-mahas dantzatzeko beharra. Gaurko ordena sozialaren itxitasunean, horretarako bide ematen digu Carrascoliendasek eta hor du bere garrantzia.
Ekimenak badu arrakasta herrian baina herriko inauteri bihurtzeko zailtasunak ditu. Urtero 200 auzotarretatik gora elkartzen gara. Seguru nago ordea probatuz gero beste hainbestek gustuko luketela eguna. Tamalez ez gara gehiago zabaltzeko gai. Zeintzuk dira honen arrazoiak?
Desegituratua da gure eskualdeko gizartea. Arazo ekonomikoak, familiarrak, bazterkeria edo drogen ondorioak bestetan baino hedatuago dira Meatzaldean. Horrela superbibentzian gehiago, norbera isolatuago, zaila da herrian proiektu komunak zabaltzea. Gainera ekimen herrikoiekiko eskualdeko komunikabideen isiltasunak eta instituzioen babes faltak areagotu egiten dute ezintasuna.
Horregatik derrigor epe luzera doa gure begirada, pentsatuz modu ludikoz eskoletan garatu litezkeen hezkuntza proiektuen bidez egin daitekela aurrera. Dantza eta musikaren bidez herria eta eskola lotuz, herriarekiko maitasuna sortuz, zahar eta gazteen arteko harremanak eginez eta gurean hain azaleko diren baloreak landuz. Euskal Herriko metropolian biziko bagara auzoko tribuekin elkarlanean aritu behar dugun kontziente, etorkizuna gazteekin erein behar dugun jabedun, bihar hemen ere herri izan gaitezen. | news |
argia-63f778f7e8e5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/guadalupe-txapeldun.html | Guadalupe txapeldun | Jon Aranburu Artano | 2018-03-04 | Guadalupe txapeldun
Guadalupe Plataren kontzertuaren kronika. Gasteizko Hell Doradon, otsailaren 9an.
Ez dut Hell Dorado moduko areto askorik ezagutzen. Rockari eskainitako tenplu bat da, estiloaren izkina guztiei begiratzen diena, asteburua joan asteburua etorri, 2001etik. Bertakoak eta kanpokoak. Gau hotz hartan, berta-bertatik eta Andaluzia urrunetik etorri ziren.
Arrasatetik, Screamers and Sinners. Duela urtebete inguru izan ziren areto honetan bertan, eta orduan ere eman nuen haien berri. Urtebetean askorik ez dute aldatu euren emanaldia, ez bada bateriajolea aldatu dutelako. Rock urduria, azkarra. Punkik azkarrenaren oinordekoa egiten dute, eta egiten dituzten bertsioetan ere keinu bat baino gehiago egiten diote (Ramones, RIP…). Gauaren abiorako, ezinhobea.
Ubedatik (Andaluzia), Guadalupe Plata. Joaquin Sabinaren herrikideak izanagatik, ez dute haren batere antzarik, zorionez. "Lokaztutako lurpeko blues narkotikoa" horrelaxe definituko nuke Rock de Luxe aldizkarirako idatzi beharko banu. Hirukotea dira: gitarrari eman eta kantatzen duena, bateria jotzen duena eta baxuarena egiten duena.
Gitarrari eman egiten dio Pedro de Diosek, jo baino gehiago. Maisuki ateratzen dio zukua Fender Telecasterrari. Inork gutxik (Joseba Irazokik, akaso) aterako lizkiokeen doinu eta zaratak sortzen ditu eta kanta bera jotzeaz aparte, atmosferak sortzen ere dotore aritzen da. Abestu, berriz, lurpetik ariko balitz bezala egiten du, mikrofono berezi baten laguntzaz. Beno, kantuak baino, lanturuak dira harenak, zorupean legokeen norbait hoska balego bezala.
Baterian, Carlos Jimenak oinarri erritmiko sendoa jartzen du, baina atmosferetarako esku eta eskumutur ezinhobeak dituela ere nabarmen da. Jazzetik gertu dago bere estiloa. Ematen dio halako kutsu narkotiko bat jotzeko modu honek.
Eta baxuarena egiten, Paco Luis Martos. Eta nahita diot "baxuarena egiten", ez baitu baxu moduan ezagutzen dugun instrumenturik jotzen. Batzuetan gitarra batekin egiten du oinarri armonikoa, eta beste batzuetan Wikipedian "kontrabalde" esaten dioten soka bakarreko instrumentuarekin. Azken instrumentu honek merezi du azalpena: balde bat lurrean, makila bat eta soka bat hari lotuak makilari tirata soka tentsatzeko moduan, eta listo. Ezin oinarrizkoagoa. Eta, hala ere, kontrabaxu soinu dotorea ateratzen dio.
Hasi eta buka, emanaldi dotorea egin zuten jaendarrek. Euren bost lanetako kantuak jo zituzten ordu eta erdi pasatxoko emanaldian, eta entzuleok bigarren aldiz taula gainera aterarazi genituenean, sorpresaz, Jake Holmesen Dazed and Confused kantua jo zuten, Led Zeppelinek beraiek baino klase handiagoz, ia.
Kontzertu onenetan, Hell Doradoko liturgiak agintzen du bertako abade nagusi Juan Uriartek txapela mexikarra jantzi behar diela taldekideei. Txapeldun agurtu zen Pedro de Dios. | news |
argia-83ba3e8d826e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/identitarioa.html | Identitarioa | Igor Estankona | 2018-03-04 | Identitarioa
Seamus Heaney (An Seanmhullach, Derry, 1939 –Dublin, 2013) Ipar Irlandako familia errepublikano batean jaio zen. Ingeles inperialismoak, zapalkuntza hark, betiko sartu zuen irlandar idazle abertzaleen zerrendan. Gaitzak hartua mendean, hala bizi izan zen, irlako beste idazle askoren antzera: "Irlandar poeta batek ingeles tradizio literariora helbidea dauka ingeles hizkuntza erabiltzeagatik, baina nekez sentituko da etxean moduan".
Death of a Naturalist (1966) izan zen bere lehen poema liburua; ordurako Belfasten sortua zuten halako giro literario bat, giro politikoak zipriztindua: "Ez zen nire egin beharra, baina nire arazoa zen hura". 1972tik hegoaldera etxez aldatua, han loratu zen sustraiak iparraldean eta hegoak mundu osoan dauzkan poesia egiazko bat, politikari muzin egin barik jolas egiten duena lirismoarekin, misterioa eta sinboloa errealitatearekin nahastuz. North (1975) izan zen loraldi horren biblia: "Antzinako errota baterako gaia,/ Eta nire bihotz-begiekin ikusi nuen/ Orekan dauden harrien mundu-lizar bat,/ Errotarriak orno-hezurren gisan pilaturik,/ Hezur-muin birrinduak zoru". Eta iruditu zait Xabi Bordak egin duela itzulpen bat indartsua eta fina, aberatsa bezain eraginkorra.
Eta uste dut liburu hau disfrutatuko duela eguneroko naturaren opariez gozatzen dakienak –dela belarraren berdea, lurraren sikua– eta konexio bat bilatzen dionak izadiari gure ongizatearekin, gure arazoekin.
Nobel Saria eman zioten 1995ean. Beñat Sarasolak hitzaurrean dioen moduan, pasa den mendeko poeta handienetakoen artean kokatu zuen horrek. Baina lehendik zen Seamus Heaney bere herriko handietarik: "Non ur bareak/ Neagh lakuaren uharkan gainezka egiten zuen/ Mundu lauaren ertz batera iritsi balitz bezala/ Eta distiratsu jausten zen/ Bann ibaiaren etengabeko orainaldian". Seamus Heaneyren metafora berriak ere zaharrak dira, mitoan dute sorburua, klasikoki zeltak dira bere molde greko-latindarrak. Agian horregatik irudituko zaizu lagun baten liburua ari zarela lehenengoz irakurtzen. Hasieran xaloa da, gero lerroarteak bereizten hasiko zara.
Azkenik zeure buruari galdetuko diozu zelan, Derrykoa izanda, dakien hainbeste Euskal Herriaz. n
OKERRAK ZUZEN: Egilearen argazki okerra publikatu zen joan den astean atal honetan: Pierre Bordazarre "Etxahun" Irurikoa zen argazkikoa. Pierre Topet "Etxahun" barkoxtarra behar zuen. | news |
argia-ded8e35bacd6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/urre-berdea.html | Urre berdea | Ane Irazabal | 2018-03-04 | Urre berdea
Modako fruitua da. Mendebaldeko herritar urbanoek produktu onuragarrien "erregina" esaten diote, haren koipeak gizentzen ez duelako. Baina ahuakatearen produkzioa odolez zikinduta dago. Mexikoko Michoacan estatua da adibiderik esanguratsuena.
Héctor Torres ahuakate ekoizleak pistola darama soinean. Mexikoko Michoacan estatuaren bihotzean dagoen Tancitaro udalerrian ez da arraroa nekazariak armatuta ikustea. Pistola batek armada mexikarraren presentziak baino segurtasun handiagoa ematen du. Torres, autodefentsa edo milizia armatuen kidea da: "Lur hauek nire aitarengandik jaso nituen. Eta aitak, berriz, aitonarengandik. Ikusten duzun zuhaitz bakoitza familiako kide bat da".
Tancitaro munduko ahuakate ekoizlerik handiena da. Michoacaneko lurrak bolkanikoak dira, eta oso emankorrak urtaro guztietan. Ahuakatearen munduko hiriburua deitzen diote Tancitarori. Bertan 23.000 hektarea daude landatuta eta fruituaren produkzioak 5 milioi dolarreko irabaziak ematen ditu urtero. "Esker oneko zuhaitza da ahuakatea. Landatu eta bost urtera fruituak ematen ditu eta lau hilabetetik behin loratu egiten da. Hemen familia guztiek lan egiten dute fruituaren produkzioan: ereiten, uzta jasotzen edo paketatzen", azaldu du Torresek. Irabaziak hain dira handiak, ezen hektarea batek 120.000 euro balio dituen. Ez da harritzekoa Mexikon ahuakateari urre berdea deitzea.
Narkotrafikatzaileak jabetu ziren ahuakateak metanfetaminak baino diru gehiago ematen zuela. "Kuota kobratzen hasi ziren. Haien mehatxuen aurrean makurtzen ez ziren ekoizleak eta senideak bahitu zituzten"
Edonola ere, Tancitarok udalerri gotortua dirudi. Sarrera guztietan barrikadak daude eta ekoizleek errondak egiten dituzte. Michoacaneko txoko honetan gerra odoltsua egin dute ahuakate produktoreek eta Zaldun Tenplarioak izeneko drogaren kartelek. "Narkotrafikatzaileak gure lurrak lapurtzen saiatu dira. Diruaren usainak erakarri ditu", dio ekoizleak.
Torresek ondo baino hobeto gogoratzen du Zaldun Tenplarioak lehen aldiz iritsi ziren unea: "Duela hamar urte modu baketsuan aurkeztu zitzaizkigun. Basoetan metanfetamina prestatu nahi zutela esan ziguten. Errepideak asfaltatu zituzten eta argindar sarea eraiki zuten. Haiek haienari ekin zioten eta guk gureari eutsi genion". Halere, drogaren merkatua kontrolatzen duten narkotrafikatzaileak azkar jabetu ziren ahuakateak metanfetaminak baino diru gehiago ematen zuela. "Hilabete gutxiren buruan 3.000 pesoko kuota (130.000 euro inguru) kobratzen hasi ziren. Haien mehatxuen aurrean makurtzen ez ziren ekoizleak eta haien familiak bahitu zituzten".
Autodefentsen sorrera
Garai hartan Héctorren anaia zen Tancitaroko alkatea: Salvador Torres. "Mehatxuak areagotu zirenean, laguntza eskatu genion Felipe Calderónen Gobernuari. Ez zuen ezertarako balio izan. Estatuak armada zabaldu zuen, baina estortsioek, bahiketek, lapurretek eta hilketek bere horretan jarraitu zuten –gogora ekarri du politikari ohiak–, gure lehengusua hiru aldiz bahitu zuten. Hirugarren aldian ez zen itzuli".
Tancitaroko biztanleak ziur daude armadak ezikusiarena egiten zuela narkotrafikatzaileekin: "Horregatik sortu genituen indar komunitarioak. Ahuakate lurren jabeak ezkutuan bildu ginen eta justizia gure esku hartzea erabaki genuen", oroitu du Salvadorrek. Hala, herritarrek armak erosi zituzten eta autodefentsa mugimendua hezurmamitu zuten. Lehen urratsa: Mexikoko polizia eta armada Tancitarotik botatzea eta zerotik hastea.
Michoacaneko txoko guztietara zabaldu zen indar komunitarioaren aurpegirik ezagunena José Manuel Mireles da. Kirurgialari ohiak autodefentsen babesa dauka egun ere. Horregatik da ziurrenik drogaren kartelen jomuga nagusia eta ez du toki berean lo egiten egun bat baino gehiago. Michoacaneko kostaldean dagoen hotel batean onartu du Mirelesek gurekin batzea: "Mexikoko Gobernua zeharo ustelduta dago. Narkotrafikatzaileen diruak edozein politikari eros dezake. Narko-estatua da hau". Lider politikoarentzat, Mexikon nagusi den eguneroko indarkeriaren arduradun bakarra gobernua da, ez krimen antolatua: "Estatuak guztiz abandonatu ditu gure herrialdeko txoko gehienak. Zer egin dute drogaren kartelek? Hutsune horiez baliatu dira edo hutsuneak sortzeko politikariak erosi dituzte".
Mirelesek uste du Mexikoko herritarrak babes gabe sentitu direla urte gehiegitan: "Zoritxarreko narkoek modu honetan lortzen zuten lurren kontrola. Ahuakate ortuaren jabearengana hurbiltzen ziren eta 1.000 peso (44 euro) eskaintzen zioten milioi bat peso (44.000 euro) balio zuen hektareagatik. Jabeak ezetz erantzunez gero, zera esaten zioten: "Ez baduzu nahi, zure alargunari eskainiko diogu". Azkenean senarra, emaztea, seme-alabak, ilobak eta bizilagunak akabatzen zituzten. Zergatik? Lurrak inork erreklama ez zitzan".
Autodefentsen liderrak gogoratu du polizia komunitarioak 3.700 ahuakate-hektarea askatu zituela narkoen atzaparretatik. Denak oinordekorik gabe.
Argazkietan, Torres anaiak eta José Manuel Mireles.
Salvador Torres: "Armadak ezikusiarena egiten zuen eta horregatik sortu genituen indar komunitarioak. Ahuakate lurren jabeak ezkutuan bildu ginen eta justizia gure esku hartzea erabaki genuen"
Borrokaren instituzionalizazioa
Mirelesek argi dauka autodefentsak lasaitzen direnean krimen antolatua berriz ere jabetuko dela Michoacanez. "Egunero zapaldu nahi gaituzte, egunero ostu nahi dituzte gure lurrak... Ez bada krimen antolatua, narkotrafikatzaileak babesten dituen gobernua da. Herriak ulertu du aske izateko modu bakarra dela gure kabuz defendatzea. Ezin gara inorekin fidatu".
Baina azkenaldian liskarrak izan dira Mexikoko armadaren eta autodefentsen artean. Militarrek hainbat operazio egin dituzte polizia komunitarioari armak kentzeko. Izan ere, Enrique Peña Nietoren Gobernuak erabaki du Michoacanen "ordena" berrezartzea. Estatuaren estrategia autodefentsa mugimendua zatitzea da. Hala, 2014an Mireles kartzelaratu zuten legez kanpoko armen jabetza atxikita. Autodefentsen liderrak hiru urte egin ditu kartzelan eta giltzapetuta zegoen bitartean bi aldiz jo dio bihotzekoak.
Estatuaren indarkeriak eztabaida sakona bultzatu du autodefentsen artean. Borrokatzen jarraitu ala borroka instituzionalizatu? Tancitaron, adibidez, indar komunitarioek CUSEPT (Cuerpos de Seguridad Pública de Tancítaro) izeneko segurtasun egitura sortu dute. Gerraren aurretik nekazari soilak ziren gazteak polizia bihurtu dira. Militarrak bezala jantzita doaz eta erasorako fusilak daramatzate soinean. Posible da gazte hauek ere lehenago edo beranduago ustelkerian erortzea? Torres anaiek ez dute hori uste: "Herriko gazteak dira, eta beraz, haien lurrak maite dituzte. Gainera, soldata altua dute". Mirelesek aldiz, tristuraz dio autodefentsen mugimenduak traizio egin diola hasierako espirituari: "Borroka ofizializatu egiten den unean, borroka izateari uzten dio".
José Manuel Mireles: "Estatuak guztiz abandonatu ditu gure herrialdeko txoko gehienak. Zer egin dute drogaren kartelek? Hutsune horiez baliatu dira edo hutsuneak sortzeko politikariak erosi dituzte"
Deforestazioa
Ahuakatea nahuatla hizkuntza uto-aztekako ahuacatl hitzetik dator eta esanahi oso bisuala du: zuhaitzaren testikulua. Bada, fruitua arbolan zintzilikatzen da pisuagatik lurrera erortzen den arte. Mexikon landatzen den ahuakatea Hass motakoa da, hau da, jatorrizko zuhaitz criollo aren eta Hass aldaeraren arteko hibridoa.
Michoacanen produzitzen diren ahuakateen %90 AEBetara esportatzen dira. Edonola ere, nazioarteko eskaera asko hazi da azken urteotan: "Merkatu europarraren eta japoniarraren presioa gero eta gehiago nabaritzen dugu. Europan modako fruitua izendatu dute. Japonian, sushia egiteko funtsezko osagaia da", azaldu du Torresek. Horrek produkzioaren gorakada ekarri du ezinbestean. Mexikon 10 ahuakate-hektarea landatzen dira batez beste egunero. Luis Miguel Morales Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko irakaslea da eta deforestazioan aditua: "Ahuakatea droga bezalakoa da, aberats egin zaitzake, baina diruaren hotsak erakarrita, ekoizleek inolako kontrolik gabe landatzen dituzte zuhaitzak".
Moralesek drone baten laguntzarekin erakutsi ditu deforestazioaren ondorioak: "Artea da Michoacaneko zuhaitz autoktonoa. Tamalez, baso hostotsua desagertzeko zorian dago. Eremu honetan bi kilometro koadro ebaki dituzte ahuakatea landatzeko". Ahuakate zuhaitzak ur asko behar du eta gutxika akuiferoak lehortzen ari dira. Irakaslearen aburuz, ustelkeria politikoa dago deforestazio masiboaren atzean: "Basoak estatuarenak dira. Nola da posible bi kilometro koadro moztea agintariak konturatu gabe?". Urre berdeak gobernuaren isiltasuna erosi du.
Ahuakateak eragindako deforestazioa. | news |
argia-9510f1bbaeaa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/ander-berrojalbiz-musikari-historiazalea.html | "Botere erlijiosoaren eta politikoaren aurka altxatu ziren Durangoko herejeak" | Jabi Zabala | 2018-03-04 | "Botere erlijiosoaren eta politikoaren aurka altxatu ziren Durangoko herejeak"
Historia eta musika batu ditu Ander Berrojalbizek (Durango, 1983), izan ere, musikaren historia irakasten du Durangoko kontserbatorioan, aintzinako musika berreskuratzen duen Khantoria taldean dihardu arrabita jotzaile eta historiari buruzko bi liburu argitaratu du azkenaldion Pamiela argitaletxean: Los herejes de Amboto (2016) eta Joseba Sarrionandiarekin batera idatzitako Herejeen alaba (2017).
Herejeak disidente politikoak zirela esan izan duzu...
XV. mendean agertu ziren Durangaldeko lehen heresiak. Lehenengoan bi buru nabarmendu ziren: Alonso de Mella eta Guillén de Albesa frantziskotar erradikalak. Dokumentuen artean De Mellaren gutun bat dago, baita errepresioan parte hartutako durangar baten gutuna ere, Aita Santuari idatzia. Hor ikusten da botere erlijiosoaren eta politikoaren aurka altxatu zirela. Milenaristak ziren, Jainkoaren bigarren etorrera hurbil zegoela uste zuten eta orduan paradisua lurrean antolatuko zela, gizakien legeak eta eskumenak bertan behera geratuko ziren justiziazko mundua antolatuko zela, ondasunen jabegorik gabea.
Sexu libertinajeaz ere akusatu zituzten?
Orain ari naiz hori aztertzen. Egia da lizunkeriari buruz mintzo den lehenengo iturria epaiketa baino askoz geroagokoa dela. Baliteke bigarren edo hirugarren epaiketan agertu izana, ez dakigu torturek nolako rola izan zuten. Kontua da doteen aurkako jarrera zutela. Emakumeek dotea behar zuten ezkondu ahal izateko edo moja sartzeko. Doterik gabeko emakume batek oso zaila zuen ezkontzen merkatuan sartzeko, beraz, emakume askok baztertuta bukatzen zuten ezkontza legeengatik. Gizakien legeak bertan behera geratu behar ziren mundu bat aldarrikatzen zuen mugimendu batek ezkontza legeak kentzea eta kideen artean ezkondu gabe batzea ondo ikusiko zuen. De Mellak idatzitakoaren eta iturri zaharretatik ondoriozta daiteke libertinajearen aukera, baina ez dago aipamen zehatzik eta baliteke libertinajearena esajerazioa izatea.
Argazkia: Aritz Loiola
Zer ziren Sanbenitoak?
Zaku moduko oihalak ziren, herejeei eskarniorako ezartzen zitzaizkienak, baina haiek hil ondoren elizan eskegitzen ziren oihal haiek, manteta izenarekin, euren oinordekoen lotsaizunerako. Hortik dator tirar de la manta esaera. Durangoko elizan 1809an frantsesak etorri arte egon ziren eskegita. Lehenago, 1616an durangar bat elizan sartu eta han zeuden oihalak erre zituen, seguruenik bere familia aipatzen zutelako. Ez zen lotsa kontua bakarrik, ondoko bi belaunaldietako ondorengoek ez zuten kargu publikorik hartzeko eskubiderik.
Dokumentuetan tortura aipatzen da?
Gutxitan. Mungiako emakume baten kasuaren aipamena dator 1508an egin zen beste epaiketa baten agirietan, Bizkaia osoan sorgin bila egin zen ikerketa baten baitan. Bertan irakur daiteke garrutxa gogor eman ziotela, baina andreak ez zuela aitortu. Erre egin zuten, hala ere.
Jendea bizirik erre zuten, baita gorpu hilak ere, gehienak emakumeak.
1500ean erretako hamaika lagunetatik bakarra zen gizonezkoa. Jada hilak ziren beste zazpi emakume ere kondenatu zituzten, gorpuak kanposantutik atera eta erre zituzten. Zergatik? Baten batek agian torturapean egindako aitorpenetan ardurak hildako bati leporatzea nahiago izan zuen. Herejeek ezin zuten lur santuan egon, horregatik lurpetik atera eta erre egiten zituzten haien gorpuak.
"1500ean erretako hamaika lagunetatik bakarra zen gizonezkoa. Jada hilak ziren beste zazpi emakume ere kondenatu zituzten, gorpuak kanposantutik atera eta erre zituzten"
Misoginiarekin lotu duzu kondenatuak emakumeak izatea.
Lehen esan dudan moduan, oso mundu gogorra zen emakumeentzat. Heresien garai berean agertu zen beaterio bat Durangon, egun San Frantzisko komentua dagoen lekuan: emakume talde batek etxe abandonatua okupatu eta komunitatea sortu zuen 1439an, euren eskulanetatik eta limosnetatik bizi ahal izateko. Baztertutako emakumeak ziren, batzuk doterik gabeak eta ama ezkongabeak. San Frantziskoren araua onartu eta babesa eskatu zioten Aita Santuari, hainbat gizonek jazartzen zituztelako. Epaituak izan ziren 1442an baina garbi atera ziren orduan. Tokiko elizak jazarriak izan ziren, agian jendeak euren santutasuna ikusirik, limosna beraiei emango zien beldur.
Nola sortu zenuen, Joseba Sarrionandiarekin, Herejeen Alaba liburua?
Berak Kristalezko Bihotza kontakizuna jarri eta nik haren jatorria, historia kontatu dut. Ondoren, hiru testutan, Durangon egondako heresia kasu guztiak kontatu ditut: lehen aipatutakoak, 1700ean egondako Dominiko apostata baten kasua eta XIX. mendean egondako beste heresia bat, sorginen kasuak ahaztu gabe. Durangaldeko heterodoxo guztien bilduma da.
Ikuskizuna ere prestatu duzue liburuko edukiekin.
Bai, Ander Lipusek egiten duen irakurketa musikatua da, ez dramatizatua. Khantoriako Maider Lopezek eta biok XV. mendeko musika jarri diogu irakurketari eta bigarren zatia nire hitzaldia da, baina hitzaldiko aipu guztien ahotsa ere Lipusek jartzen du. Tabakaleran egin genuen, gero Durangon, eta martxoaren 11n Bilboko Guggenheimen egingo dugu berriro, Loraldiaren baitan.
Argazkia: Aritz Loiola | news |
argia-f15ddef9d69c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/izotz-barazkien-jardunaldiak-nafarroan.html | Izotz barazkien jardunaldiak Nafarroan | Garazi Zabaleta | 2018-03-04 | Izotz barazkien jardunaldiak Nafarroan
Baratzegintza iraunkorrean askotan errepikatzen den leloa da "garaian garaikoa". Udatik negu partera zeharo aldatzen da gure baratzeen itxura: aza jendeak, borrajak, apioak, eskarolak, porruak eta bestek hartzen dute protagonismoa neguan. Hotzari eusten dieten barazki horien inguruko lehen jardunaldiak antolatu dituzte otsailean Iruñean eta Tuteran: Izotz barazkien I. Jardunaldiak.
Izotzari aurre egiteaz gain, hari onura ateratzen dioten barazkiak
Jardunaldien bultzatzaileetakoa da Jose Uranga sukaldaria, Slow Foodeko kidea eta nekazaritza teknikaria. Neguko barazkiek hotzari aurre egiteko dauzkaten mekanismoez eta izotzek barazkietan eragiten dituzten onurez aritu zaigu. "Barazkiek ukitu mikatza izan ohi dute, bereziki onddo eta intsektuei aurre egiteko. Neguan zehar hori behar ez dutenez, landareek substantzia mikatzak –fenolak eta polifenolak batez ere– sortzeari uzten diote", dio.
Izotzei eusteko, landareek beren energia zuntzak aldatzeko erabiltzen dutela ere azaldu digu Urangak. Zuntzak hidrolizatzeak eta landareek hotzari aurre egiteko sortzen dituzten substantziek barazkien testuran eragin zuzena dute: "Prozesu horiek guztiek barazkien testura krematsuagoa bihurtzen dute".
Zaporea, lurraldea eta iraunkortasuna
Jardunaldien helburu nagusia neguko barazkiei balioa ematea izan da eta hainbat esparrutako profesionalek hitz egin dute barazki hauen inguruan: osasunaren, gastronomiaren, ekoizpenaren eta ekologia eta iraunkortasunaren alorretatik landu da gaia jardunaldietan.
Mahai-ingurua, produktuen dastaketa, barazkiak nola garbitu eta prestatu azaltzeko tailerrak, hazien trukeak edota baratzeetara bisitak. Hori guztia eta gehiago izan dute otsailean Iruñean eta Tuteran. Jendearen erantzunarekin gustura gelditu dira antolatzaileak, eta interesa egon badagoela dio Urangak: "Gure kulturaren eta tradizioaren parte dira barazkiok, beharrezkoa da baloratzen jakitea, eta kultura hori mantentzeko lanean jarraitzea". | news |
argia-8adf956123f1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/irakasleek-c1-kazetariek-c2.html | Irakasleek C1 Kazetariek C2 | Mikel Basabe | 2018-03-04 | Irakasleek C1 Kazetariek C2
Espainiako Gobernuak EAErako 340 lanpostu publiko aterako ei ditu lehiaketara. Euskararik ez da inorako eskatuko. Horrek, jakina, urratu egiten ditu 10/1982 Legearen 5. eta 6. artikuluak, baita Auzitegi Konstituzionalaren 82/1986 epaia ere. Baina zer axola? Javier de Andres elebakarrak bere elebakartasunetik elebakartuko gaitu… eta Idoia Mendiak ez du oraingoan protestarik egingo.
Baina izan gaitezen justuak: Hezkuntzan ere hainbat lanpostu aterako ditu Eusko Jaurlaritzak: guztietarako euskarazko C1 izatea beharrezkoa izango da, eta horretan ere ez du protestarik egingo Mendiak. Ez gaude-eta hauteskunde-kanpainan.
Enpresa publikoko kazetari izateko euskarazko C2 mailako ezagutza egiaztatu behar da, eskola publikoko irakasle izateko C1. Nire irudiko, ez hanka,
ez buru
Niri, ostera, bitxia egiten zait euskal eskola publikoko irakasle izateko euskarazko C1 titulua eskatzea, batez ere kontuan izanda irrati publikoko kazetari izateko C2 maila eskatzen duela EITBk, Jaurlaritzaren erakunde autonomoa bera. Kasu! Azken horretarako ez du balio titulua izateak: propio egin behar da euskara azterketa bat, eta unean bertan egiaztatu ezagutza hori. Duela 34 urteko EGA agiriak irakaskuntzarako balio dit, duela hiru urteko C2k ez lidake kazetaritzarako balioko.
Argi esanda: enpresa publikoko kazetari izateko euskarazko C2 mailako ezagutza egiaztatu behar da, eskola publikoko irakasle izateko C1. Nire irudiko, ez hanka, ez buru.
Bigarren mutur bati ere tiratu ahal izango genioke. Azkenean, lanpostuok iragarri eta sei hilabetera, hezkuntzako oposizioetako dekretua argitaratu du sailak. Orduan ikusi dugu euskarazko C2 maila izateak ez duela punturik emango, nahiz eta juridikoki egingarria den (hala egiten da EAEko administrazio orokorreko oposizioetan) eta Steilasek betidanik eskatu izan duen. Kasu berriro ere! Euskarazko C2k ez du punturik emango, baina ingelesekoak, frantsesekoak, alemanekoak, portugesekoak… horiek bai, horiek emango dute.
Kazetari izateko betekizun dena, irakasle izateko meritu ere ez da izango.
Bitxia, ezta? Batez ere 3L ereduarekin tematu zaizkigunean. Eredu hori tranpa dela zioen Mikel Garcia Idiakezek otsaileko ARGIA batean, eta hala dela uste dut neuk ere: tranpa.
Pixka bat mucho dela sinetsita, euskarari D eredu zaharrean baino eskola-ordu gutxiago emango dizkiote 3L eredu berriarekin, baina, kasu berriro ere! Euskara ordu gutxiago hartu arren, ikasleek euskara gehiago ikasiko dute! Mirari eredua! Orain arte, DBH D ereduan bukatzen duten ikasleei B1 maila onartzen die Jaurlaritzak. Etorkizuneko ikasleek, ostera, B2 lortuko ei dute DBH amaitzean. Eta, hurrenkera logikoz, irakasleen C1 Batxilergoa amaitzen duenean, ezta?
Bada ez: ez da. | news |
argia-d4ed5992b96f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/zinema-habian-zinema-ikasgeletara-eramateko-proiektu-aitzindaria.html | Ordu magikoaren bila | Mikel Gurrea | 2018-03-04 | Ordu magikoaren bila
Zineman, argazkigintzan bezalaxe, eguzkia sartu eta gaua beltz bilakatu arteko une horri ordu magikoa esaten zaio. Argiak urre kolorea hartzen du, leundu egiten da eta itzal luzeagoak sortzen ditu. Ederra eta misteriotsua den une poetiko horretan, mundua beste era batean aurkezten da gure begiradaren aurrean. Inoiz baino presenteago egiten da. Horregatik zinegile asko irteten gara ordu magiko horren bila. Pasio batek bultzaturik. Izan ere, une horretan, zinemaren ahalmena areagotu egiten da. Zinemak norberarekiko, besteekiko eta munduarekiko ezagutza, hausnarketa, emozioa, harridura zein galderak eragiteko daukan gaitasunaz ari gara hain zuzen ere.
Udazkena. Lasarte-Oriako Oriarte BHIko ikasle bat bere aitak gidatutako kotxean doa. Hamabi urte ditu. Arratsaldeko zazpiak inguru dira eta, bat-batean, aitari mugikorra eskatzen dio. Isiltzeko esango dio. Zeruari erreparatuko dio eta kamera eskuartean duela travelling bat filmatuko du. Une horretan izan behar du. Hortxe eta orduantxe. Une hori filmatzeko desioa sentitu du. Dudarik gabe, ikasle hau zinegilea da, munduari zinegilearen begiradarekin begiratzen diolako. Gazte honek sentitutako bultzada da Núria Aidelman eta Laia Colellek sortutako Cinema en curs ekimenak lehenengo egunetan ematen duen fruitu garrantzitsuenetako bat. Izan ere, zinema sorkuntzaren bihotzetik transmititzea da proiektuaren baitan dagoen oinarria. Haien erreferente den Alain Bergalak bere L'hypothèse cinéma tratatuan aipatu zuen legez, "zinemaren gakoak transmititzeko, erabaki horien bihotzean egon behar dugu".
Aurkitzeko, lortzeko eta ikusteko zailak diren filmak badaude oraindik. Garrantzitsua da
ikasleek mota honetako zinema ere ikustea
Cinema en curs ekimena, A Bao A Qu elkarteko Aidelman eta Colellek Katalunian jarri zuten martxan orain dela hamabi urte. Hainbat lurraldetara zabaldu ostean, Euskal Herrira iritsi da ikasturte honetan. Zinema (h)abian izenpean, Tabakalera eta Elías Querejeta Zine Eskolaren eskutik. Denok batera, elkarrekin hasi ginen eta ari gara lehenengo esperientzia honekin ikasten. Amaia Beguiristain eta Aitor Olano irakasleak, Tabakalerako eta Elías Querejeta Zine Eskolako taldekideak eta gu geu, Mikel Gurrea (zine zuzendaria) eta Lur Olaizola (Tabakalerako ikus-entzunezko programaren koordinatzailea). Lerro hauek ekimena abian dela idazten ditugu; aitzindaria eta iraultzailea iruditzen zaigun proiektu batek sortzen duen zirrararekin.
Zer gertatzen da eskola publiko batean zinema sartzen denean? Edo, beharbada zuzenagoa litzateke honako hau galdetzea: zer gertatzen da eskola publiko batean zinema era honetan sartzen denean? Izan ere, nahiko arrunta da ikasgelan pelikulak tresna gisa erabiltzea. Gehienetan gaiak lantzeko erabili izan dira. Gogoan dauzkagu institutuan ikusi genituen filmak eta haiei lotutako ikasgaiak: Splendor in the grass 29-ko crack ekonomikoa lantzeko, La lengua de las mariposas Gerra Zibilaren inguruan sakontzeko edo Christiane F. drogen ondorioez hausnartzeko. Zinema (h)abian ek beste harreman bat proposatzen du ordea zinemarekiko. Plano zein sekuentziak ikuskatu ondoren, ikasleek hitz egiten dute koloreari eta argiari buruz. Erreparatzen diote kameraren eta pertsonaiaren kokapenari, musikarik dagoen edo ez, soinua nolakoa den eta, noski, erabaki zinematografiko horiek baliatuz sortutako planoek sentiarazten dizkieten emozioez mintzatzen dira.
Ikasle batek grabatutako travelling batetik hartutako irudia da honakoa. Egitasmoari esker, ikasleek aukera dute zinegile-begirada garatzeko.
Dagoeneko Oriarte institutuko DBH 1. mailako hogeita bi ikaslek bost hilabete daramatzate zinemaren inguruan horrelako galderak egiten, erabaki zinematografikoen inguruan pentsatzen eta hauek praktikan jartzen. Hau da, zinema egiten. Zinema (h)abian proiektuaren ezaugarri berezietako bat zinemagileen inplikazioa da. Eta arrazoia garbia da: pasioak bultzatzen gaitu zinemagintzara eta berebizikoa da ikasleei hori transmititzea. Horrela, ikasgelan, zinema zuzendaria, irakasleak eta ikasleak zinegile gara. Elkarrekin egiten dugu zinema, norberaren begirada sustatuz, talde-lana indartuz eta hori guztia partekatuz. Mugimenduak mugimendua eragiten duen bezalaxe, zinemak zinema eragiten duelako.
Metodologiaren beste ezaugarrietako bat zinema ikusi eta egitearen arteko konbinaketa da. Ikasleek lehenengo egunetik zirraragarriak diren zenbait zuzendarien plano eta sekuentziak ikuskatzen dituzte: David Perlov, Chantal Akerman, François Truffaut, Claire Denis, Hirokazu Koreeda, Raymond Depardon, Mercedes Álvarez, Charles Chaplin edo Michel Brault-enak, besteak beste. Zinegile horiek arreta jartzen dute, errealitatean, pertsonaietan, munduan eta emozioetan. Haien lanen atzean dauden erabaki zinematografikoak sakon aztertu eta gero, ikasle bakoitzak bere planoak filmatuko ditu, bere etxea, auzoa, herria, gertuko pertsonak, kaletik topatzen dituztenak... Eratzen ari zaien zinegile-begirada berri horretaz baliatuz, betidanik inguruan izan dutena filmatuko dute, lehen aldiz ikusiko balute bezala. Beren errealitatea berriro ezagutuko dute zinemaren bitartez.
Pasioak bultzatzen gaitu zinemagintzara eta berebizikoa da ikasleei hori transmititzea
Gero, filmatzen dituzten lanak elkarrekin ikusi eta lantzen ditugu, bakarkakoa kolektibo bilakaraziz. Ikasle bakoitzak bere ekarpenak eskuzabal eta aurreiritzirik gabe egiten ditu. Ezer ez da zuzena ala okerra, baina filmaketa bakoitzaren atzean norberak hartutako erabakiak hor daude: nor edo zer filmatu eta non, eguneko zein ordutan eta zein plano mota erabiliz… Beren errealitatea filmatzeko pasio hori egituratzen dute zinemagintzaren erabakien bitartez, begirada bakoitzaren atzean dagoen konpromisoa onartuz. Institutuko ikasgela zinema-txoko bilakatu da ikasturte osorako eta guzti-guztiak dira horren erantzule, egile eta ikusle. Hogeita bi begiradak elkarturik abiatuko dira ikasturte amaierarako egin behar duten film-laburraren bila. Badakite bilaketa konplexua izango dela, baina erabakiak lan-taldean hartzeko prest daude.
Zinema (h)abian ekimenak beste ondorio boteretsu bat ere badu: ikasleek eskura ez dauzkaten zinegileen filmak egunerokotasunez ikusi eta ezagutzen dituzte. Ikuskatu eta haien erara zinema egiteak familiaritatean oinarritzen den elkarrizketa bat sortzen du ikasle eta zinegile horien artean. Jakina da gaur egun irudi eta edukiz gainezka bizi garela baina, gezurra badirudi ere, aurkitzeko, lortzeko eta ikusteko zailak diren filmak ere badaude. Garrantzitsua da ikasleek mota honetako zinema ere ikustea, beren bizitzetan tresna bat gehiago izango baita. Ziur aski, ekimen honetatik kanpo, gazte hauek ez lukete zinegile horien lana ikusteko aukerarik izango. Norberak erabakiko du etorkizunean ea zinema hori gustatzen zaion ala ez, eta zaletasun hori noraino garatu nahi duen. Batzuk zinemazale bilakatuko dira agian eta, nork daki, besteren batzuek, zinemagintzan jarraituko dute. Hemen ez zaie ezer inposatuko. Norbera joango da zinemarekin daukan harremana bizitzen eta definitzen. Orain, behinik behin, erabakia hartzeko aukera izango dute.
Ikasleak elkar filmatzen. Zinema (h)abian egitasmoa ikasturte honetan ematen ari da lehen urratsak Lasarte-Orian eta esperientzia positiboa izaten ari da.
Eskola publiko batean zinema era honetan sartzeak daukan garrantzia garbi ikusi zuten Frantzian eta 2000. urtean Jack Langek, Hezkuntza ministroak, Catherine Tascarekin batera, Les arts a l'école proiektua jarri zuten martxan. Arteak eskola-sistemara eraman zituzten, zinemagintza barne. Eta ez zuten artea ulertu gaiak lantzeko baliabide soil gisa, eskolan izango zuen presentzia ez zuten artelanen data eta egileen izen-zerrendetara mugatu; sorkuntza prozesu bezala ulertu zuten, arte-lan bakoitzaren atzean dauden sormen-erabakiak azaleratuz eta eskuragarri eginez; eta hortaz, errealitatearekin eraikitzen ditugun harremanetan ezinbesteko tresna bilakatuz. Alain Bergala izan zen orduan zinema atalaren aholkulari eta urteetan landutako metodologia eraman zuen aurrera. Berarentzat garrantzitsua zen proiektua sendoa eta malgua izatea, ahalik eta leku gehienetara hedatzeko eta norberak berea egiteko. Horixe egin zuten Núria Aidelman eta Laia Colellek Cinema en curs -ekin eta hori bera ekarri nahi izan dugu Euskal Herrira beraien eskutik.
Zinema (h)abian eko lehen esperientzia hau ikasturtearekin batera bukatuko da. Tailerrean aurrera goaz eta datozen hilabeteak denona izango den film-laburra egiten emango ditugu. Hasieratik ikuskatutako hainbat zuzendariren lanak erreferentzia izanik, ikasleek beraiek filmatu dituzten txoko, soinu edo argi-orduak kontutan harturik. Hilabetetan bizitako esperientziak, elkarrekin egindako film laburrean gorpuztuko dira. Kontsentsu bidez hartutako dozenaka erabakirekin egindako filma izango da, ikasleen ardura diren emozioak jorratuko dituena, haien begiradak batuko dituena, hots, zinemaren ahalmenak islatuko dituena.
Lehenengo esperientzia hau ikasturtearekin amaitzen den arren, badirudi hasiera besterik ez dela. Aurrerantzean, beharbada, hogeinaka gazte ibiliko dira kotxeetan beren gurasoekin. Agian, zeru bat filmatzeko nahia sentituko dute eta orduan, une horretan, zalantzarik gabe, zinemagileak izango dira. | news |
argia-9fa30971d9b5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/selva-almada-idazlea.html | "Alferkeria iruditzen zait testua atera bezala uztea, landu gabe" | Danele Sarriugarte Mochales | 2018-03-04 | "Alferkeria iruditzen zait testua atera bezala uztea, landu gabe"
Buenos Aires hiriburura aldatu eta orduantxe hasi zen Selva Almada probintziako giroaz idazten: "Konturatu nintzen literatura urbanoa zela nagusi, eta hura ez zitzaidan interesatu ez idazteko ez irakurtzeko". Harrezkero 20 urte joan dira, baina paisaia bertsuak jorratzen ditu Almadak gaur egun ere, "ertzak" aurkitzen baitizkie oraindik.
Noiz hasi zinen idazten?
Handitan. Batzuek txikitatik dakite idazle izan nahi dutela, baina nik ez; nik, haurra nintzela, kazetari izan nahi nuen. Are, paradoxa badirudi ere, kazetaritza ikasten ari nintzela hasi nintzen fikzioa idazten. Idazketa-tailer batera joan nintzen, eskua apur bat askatzeko, eta askotariko ariketak egiten genituen han, sormen-ariketak batez ere. Hortxe lotu nintzen. Narrazio batzuk idatzi nituen, eta ikasten nuen hiriko [Paraná] gehigarri batean argitaratu zituztenean jabetu nintzen akaso kazetaritza ez zela nire bidea.
Eta literatura ikasten hasi zinen.
Bai, sinetsita bainengoen zenbait gauza irakurri beharra zegoela idazle izateko, nahiz eta ideia hori faltsu samarra izan. Baina tira, esperientzia itzela izan zen, idazten hasi berria zen jendea ezagutu nuelako, eta irakasle batzuek asko xaxatu gintuztelako. Haiei esker idazle gazteak ezagutu genituen, eta ondo etorri zitzaidan zeren, ordura arte, niretzat idazleak hildakoak ziren (Borges, Cortazar), eta bizi ziren apurrak Buenos Airesen bizi ziren, ez zegoen beste aukerarik. Baina Paranáko irakasleei esker barnealdeko idazleak ezagutu nituen, barnealdeko argitaletxeetan publikatzen zutenak… Burua zabaldu zidan horrek: konturatu nintzen idazketa aberatsa zegoela probintzian, denak ez zuela hiriburuko bidea igaro behar eta ni bizi nintzen tokian bazela ekoizpenik.
Hain justu ere, zuri buruzko artikuluetan eta zure liburuen kontra-azaletan sarri aipatzen da probintziaren kontua. Beatriz Sarlo kultur kritikariak esan zuen zure literatura "probintziakoa dela, eskualdekoa, ez ordea kostunbrista". Zer jarrera duzu halako kontzeptuen aurrean?
Entre Ríos probintzian idazten ari zen literatura berriagoa topatu nuenean, gauza interesgarri askoak ikusi nituen, baina, ordura arte ezagutzen nuen eta probintzian egiten zen literatura kostunbrista samarra zen, folkloriko samarra, eta ez nintzen asko identifikatzen horrekin. Unibertsitatean idatzi nituen lehen narrazioak, beraz, ez zeuden oso loturik probintziarekin, halako ez-leku batean gertatzen ziren. Gero Buenos Airesera joan nintzen, eta haurtzaroari buruzko narrazio batzuk idatzi nituenez, nahitaez itzuli nintzen umetako paisaia haietara, eta hasi nintzen ertz asko aurkitzen. Edonola ere, idazten ari nintzela, ez neukan kostunbrista ez izateko helbururik. Jakina, Buenos Aireseko telebistan probintzianoen inguruan agertu ohi diren estereotipoekin ez nintzen inondik ere identifikatzen, beraz argi zegoen ez nuela hortik joko.
Haurtzaroko paisaietan kokatzen dituzu zure pertsonaiak eta historiak, nahiz eta gazterik egin alde handik. Elena Ferrante idazlearen hitzekin akordatu naiz, bera ere aspaldi joan baitzen Napolitik, baina…
Aspaldi joan zen baina ezin izan du guztiz alde egin?
Bai, gutxi gorabehera. Halako zerbait sentitzen al duzu zuk ere?
Sarri samar itzultzen naizen arren, egia da 20 urte egin ditudala Buenos Airesen bizitzen eta egunerokoa han egiten dudala, beraz, bai, Ferranterekin konpartitzen dut beste sentipen hori, iruditzen zait ezin izan dudala guztiz alde egin, eta gainera, halaxe izango da inguru horri buruz idazten jarraitu bitartean.
Bestalde, bizitzako lehen hamarkada hori funtsezkoa da, eta ni probintzian hazi nintzenez, nirekin egongo da betirako, onerako edo txarrerako, nahiz eta urteak joan ahala tokia aldatu, noski. Baina badago hor zera bat, familiarekin gertatzen denaren antzekoa: haserretzen zara, kexatzen zara, baina zerbaitek lotu egiten zaitu, harremana hautsita ere arrastoren bat geratzen zaizu beti presente. Alderdi emozionalagoaz gainera, inguru horiek oso erakargarriak iruditzen zaizkit oraindik, pertsonaiak eta historiak aurkitzen ditut oraindik, eta arakatzen jarraitzeko gogoa daukat.
Ez da agortu…
Oraindik ez. Hizkeran ere ikusten da hori. Asko interesatzen zait toki horietako hizkerak lantzea, ez soziologia egin nahi dudalako eta toki horietan bizi den jendeak nola hitz egiten duen berreskuratu nahi dudalako, modu poetiko batean baizik: hango hizkeren lehengaia jaso eta buelta poetiko bat eman. Eta inguru horretan beti topatzen ditut doinu, esaera eta hitz berriak, han erabiltzen direnak baina hirietan ez.
Zure lehenengo eleberriko protagonistak, Pearson artzain ebanjeliko sutsuak, eliztarrei esaten die kontuz ibil daitezela hitz ederrekin eta hitz sendoekin. Idazlea zara, zer uste duzu zuk hitz ederrez eta hitz sendoez?
Egia esan, biak gustatzen zaizkit, hitz ederrak eta hitz sendoak, baina ez zait interesatzen soilik hitz ederrak edo soilik hitz sendoak erabiltzen dituen literatura. Asko gozatzen dut hizkuntza lantzen, bueltak ematen, eta nire testuetan itxuraz oso esaldi sinpleak agertu arren, seguru asko luze aritu naiz esaldi horrekin lanean, eta azkenean erabaki dut hori dela adierazpiderik egokiena. Oso gustuko dut hitz arrunt-arruntak hartzea eta, adibidez, literarioagotzat jo ohi diren beste esaldi kiribilduago batzuekin nahastea. Beraz, hitz ederrak eta hitz sendoak, biak gustatzen zaizkit, kontua da nola uztartu, nola dosifikatu…
Argazkia: Dani Blanco.
Nola orekatu?
Bai, edo nola landu. Esaldi polit-polit bat desmuntatzea lana da. Konturatzea baietz, agian esaldi itzela dela, baina, testuinguruan ipinita, ez diola mesederik egiten testuari. Orduan jakin behar da askatzen (edo beste baterako gordetzen). Idazleak, azken batean, zer egiten du? Ba, sinplera etorrita, idazleak hizkuntza lantzen du, hitza lantzen du, eta begien bistakoa iruditu arren, askok ez dute hori egiten, gaur egungo literaturan horixe falta baita, lana. Alferkeria iruditzen zait testua atera bezala uztea, idazle askok egiten duten moduan.
Ez-fikziozko liburu bat argitaratu duzu: Chicas muertas . 80ko hamarkadan Argentinako probintzian hil zituzten hiru neskaren kasuak berreskuratu dituzu. Zer kezka zegoen liburuaren sorburuan?
Nerabe nintzen garaian halako bi kasu gertatu ziren, Andrea eta María Soledad hil zituzten, lehena nire ondoko herrian eta bigarrena beste probintzia batean, baina asko zabaldu zen, zenbait gobernadoreren semeak zebiltzalako tartean. Oso presente neuzkan biak, nolabait ere orduan konturatu nintzelako, emakume izanez gero, bazeudela arrisku erantsi batzuk, emakume izanez gero bazeudela beste kezka batzuk, gizonei eragiten ez zietenak. Gainera, Andrea etxean hil zuten, bere ohean, eta horrek erakusten zuen ez zegoela toki segururik emakumeontzat, zeren halakoetan sarri esaten zen, adibidez, dantzaldi batera joan zela neska eta horregatik gertatu zitzaiola, baina kasu honetan garbi zegoen ezetz.
Zergatik aukeratu zenituen kasu horiek eta zer asmorekin ekarri nahi zenituen berriro plazara, hainbeste urteren ostean?
Orain dela hamar urte inguru hasi nintzen liburua egiteko ideia mamitzen. Sasoian gero eta gehiago hitz egiten zen feminizidioez, nahiz eta oraindik ez zen hitz hori erabiltzen. Eta telebistan eta jende artean askok aipatzen zuten lehen ez zela halakorik gertatzen, halako moda bat zela, zera, emakumeak akabatzea boladan balego bezala. Baina ni Andrearekin eta María Soledadekin akordatzen nintzen aldiro, eta nire kautan esaten nuen, haiei gertatu bazitzaien, seguru lehen ere gertatuko zela, baina ez zitzaiola inori axola, naturalizaturik zegoela. Kontua da orain ikusi egiten dela eta eragina daukala. Beraz, ikuspegi historiko horretatik ekin nion Andrea eta María Soledad hil zituzten garaitsuko kasuak bilatzeari, erakutsi nahi bainuen 80ko hamarkadan ere gertatzen zirela halakoak, gizonak ez direla orain halako batean milurteko berriarekin kalera atera eta emakumeak akabatzen hasi.
Familiek nola hartu zuten proiektua?
Haiengana egin nuenean, esker oneko agertu ziren, aspaldi ahaztutako kasu horiek aztertzeko interesa neukalako. Akaso batzuek espero izango zuten liburuari esker kasuak berriro irekiko zirela, eta noski, ez zen halakorik gertatu, baina gutxien-gutxienik beren historiak gorde izanak nolabaiteko kontsolamendua eman zien. Prozesu luzea izan zen, baina, zorionez liburua argitaletxe garrantzitsu batean atera zen, eta zabaldu da.
Ángeles Rawsonen kasuari buruz ere idatzi zenuen 2013an, hura hil eta zenbait hilabetera.
Bai, Anfibia aldizkariko zuzendari Cristián Alarcónek bazekien liburuarekin nenbilena, eta Ángeles Rawsonen kasuaz idazteko gonbita egin zidan, beste kazetari batekin batera. Oso kasu mediatikoa zen; badakizu nola egoten diren biktima onak eta biktima txarrak, ba hau biktima perfektua zen. Morboa elikatzeko irizpide guztiak betetzen zituen (oso neska gaztea, familia "onekoa") eta halakoxe tratamendu morboso eta izugarria eman zioten gaiari.
Hain justu ere, zure artikuluaren sarreran azpimarratzen da beste begirada bat eskaini zeniola gertaerari. Zer-nolako begirada zen hori?
Saiatu nintzen ikuspegi apur bat humanoagoa lantzen, tentuz ibiltzen, eta bazter uzten beste zurrumurru horiek guztiak. Telebistan etengabe erakusten zituzten kaleko segurtasun-kameren grabaketak, eta hantxe ikusten genuen Ángeles beti etxera bidean. Asko eragin zidaten irudi horiek, izan ere, pantailan ikusten genuen eta bagenekien handik 10 minutura hil egingo zutela. Teknologiaren kontuak halako estualdi bat sortzen zidan: bideoa ikusten ari gara eta atzera egiterik bagenu, Ángeles norbaitekin topatuko balitz eta ez balu aurrera jarraituko… Baina ez zen sekula inorekin topatzen, noski.
Segurtasun-kamerak egonda ere azkenean hil egin zuten.
Horixe da, berandutxo zetorren bideoa. Bideoak balio izan zuen krimena argitzeko, ez ordea krimena eragozteko. Horrek asko inpaktatu ninduen, eta horri tiraka idatzi nuen artikulua.
Zure azken liburua aurkezten zabiltza orain, Lucrecia Martelen Zama filmaren grabaketari buruzko ohar-bilduma. Martel orain gutxi izan zen hemen, eta esan zuen errealitateaz susmatzea dela bere lanen konstante bat, errealitatea aztertu nahi badugu zalantzan jarri behar dugula. Zuk nola lantzen duzu errealitatea zure lanetan?
Bat nator Martelekin, bikaina iruditzen zait errealitatea zalantzan jarri behar hori. Nire literatura errealista da, esan nahi dut, ez da Marten gertatzen eta ez du inork untxirik botatzen ahotik, baina errealismoaren kontu hori apur bat deserosoa egiten zait, errealitatea eta literatura eraikuntzak baitira biak, beraz, nire liburuetako errealismoa subjektiboa da, ikusten eta pentsatzen dudanaren araberakoa.
Gogoan dut behin iruzkingile batek hauxe esan zuela nire liburuez: "Selva Almadaren liburuak irakurtzen dituena ez da inoiz joango Entre Ríos probintziara, hain gauza izugarriak kontatzen baititu inguru horri buruz". Hara, begirada inuzente samarra da hori, pentsatzea nobela batek erakusten duela nolakoa den probintzia bat benetan. Esan bezala, errealitatea eraikuntza bat da, eta horri buruz idaztean ez dut ikuspegi atsegin bat eskaini nahi, kritikoa baizik.
Idazleak ezinbestekoa du begirada kritikoa?
Bai, izatekotan horixe da artiston zeregina: gauzei buruzko ikuspegi kritikoa ematea. Adibidez, orain gobernu negargarria daukagu Argentinan, eta artista eta kulturgile asko ari dira kritikatzen; ni, ordea, aurreko gobernuarekin ere izan nintzen kritiko, eta uste dut hori deserosoagoa zela, zenbait gauzatan gertuago bainengoen harengandik, batez ere kultuaren arloan. Artistok kritiko izan behar dugu gure herrialdeko errealitatearekin, erakundeetako boterearekin, gobernuarekin, izanak izan eta gobernu horrekin gauza askotan bat etorrita ere. Uste dut horixe dela modua… Artea deserosotasunean sortzen da, ez erosotasunean. | news |
argia-8f815171fb56 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/espainiako-erregeak-protesta-artean-egin-du-bartzelonako-bisita.html | Espainiako Erregeak protesta artean egin du Bartzelonako bisita | Maddi Txintxurreta | 2018-02-26 | Espainiako Erregeak protesta artean egin du Bartzelonako bisita
Egunotan Bartzelonan burutzen den Mobile World Congress (MWC) ekitaldiko aurkezpenean parte hartzen ari da Espainiako Errege Felipe VI.a igandetik, eta bartzelonar askok kalean bezala hainbat herri hautetsik ferian bertan protesta egiteko baliatu dute bisita.
Espainiako Erregeak Bartzelonako Palau de la Música-n hitzaldia eman behar zuela eta, Errepublikaren Aldeko Batzordeek (CDR) "zalaparta" egiteko deialdia egin zuten. Milaka manifestarik musikaren jauregia inguratu zuten kazolak eta txilibituak aldean.
Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrent eta Ada Colau Bartzelonako alkatea ez ziren Espainiako Erregearen harrera ekitaldira agertu. Alabaina, MWC-ek emandako afarian ikusi zuten elkar: Felipe Borboikoaren pare-parean zeuden Torrent eta Colau.
Felipe VI.a ekitalditik atera zen errepublikako Riego ereserkia bozgorailuetan ozen entzuten zenean eta manifestarien oihu errepublikar eta independentisten artean.
CDRek deitutako protestak gauera arte luzatu dira, eta liskarrak izan dira segurtasun indarren eta manifestarien artean. Mossoek indarrez erantzun zuten une batzuetan, eta gutxienez 19 pertsona artatu behar izan zituzten. Mossoek pertsona bat atxilotu zuten.
VÍDEO VÍDEO Himne de la II República i contundent cassolada per acomiadar Felip VI de #Barcelona https://t.co/DfFmK4KYSM pic.twitter.com/kkTpm2m3kY
— NacióDigital (@naciodigital) February 25, 2018
Astelehenean bertan, MWC feriaren lehen egunean, ez ditu denak ohikoak bezain ongi etorri abegitsuak izan Felipe erregeak. Kataluniako pabilioiko langile askok xingola horia zeramaten paparrean erakusgai, eta Borbon erregeak Generalitateko ordezkariekin egin beharreko harreman instituzionalean ezin izan du ezkutatu bere ezinegona, arduradun nagusiek ere xingola horia zeramatelako.
Felipe errege espainiarra deseroso Generalitateko enpresa zuzendari Pau Viloriarekin (xingola horia paparrean).
[ Erredakzioak 17:30etan eguneratua ] | news |
argia-bc36ae98dff8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/halabeharraren-doinuak.html | Halabeharraren doinuak | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2018-03-04 | Halabeharraren doinuak
Oso ona Morau- ren disko berria. Oso onak hitzak, doinuak eta kantak. Bere zazpigarren diskoa da, eta bere lanik pertsonalena. Hunkigarria, mingotsa, barrenak mugiarazten ditu. Halabeharraren edo ezinbestearen doinuak dira. Nahigabea, atsekabea... Sentimenduak puri-purian ageri dira.
Bere amaren gaixotasuna eta zaintza dira kanten ardatza. Duela hamabi urtetik gora amari alzheimerra diagnostikatu ziotenetik orain dela urtebete inguru zendu zen arte, harekin goizero paseo bat emateko eta bidean hartutako argazki bat Facebooken jartzeko ohitura hartu zuen Andoni Tolosa Morau -k. Amaren gaixotasunarekin eta zaintzarekin loturiko bizipenak idatziz jaso zituen, eta ibilaldi eta testu horiek izan dira lan honetako kantuen abiapuntua.
Horrela, ohikoak dituen ironia eta umorea alde batera utzi ditu, azalean eta kontrazalean ageri diren esaldietan izan ezik: 13 kantu belarritik hartzeko irakur daiteke azalean, eta "Ez utzi kantuok haurren belarri eta eskuetatik hurbil. Ez dute errezetarik behar. Irakurri prospektua erabili baino lehen kontrazalean".
Lan xumea eta dotorea da. Ederra. Entzun aurretik ere nabarmena da, azala, CDa eta hitzen posterra biltzen dituen kartoizko kaxari erreparatuta. Artisautza lana da, artelana, Morau- k eta bere lagunek auzolanean eskuz egina, do it yourself (zuk zeuk egin ezazu) erara. Gainera, diskoak banan bana zigilatuta daude, argizari gorriarekin.
Kantak ere modu horretan grabatu eta bere kasa argitaratu ditu. Peio Gorrotxategi aritu zen teknikari lanetan Ereinotzuko Aieka estudioan. 13 kanten artean Itoiz taldearen Clash eta Pistols kantaren bertsioa dago.
Aipagarriak dira Iñaki Martiarena Mattin -ek egin dituen ilustrazioak, eta Beñardo Goietxeren eta Giorgio Bassmattiren parte hartzea: Beñardo Goietxek (Mugaldekoak) koruak egin ditu kantuetan, eta Giorgio Bassmattik Bi argazki kantaren bertsio bat egin eta gitarra jo eta abestu du bertsio horretan. Ederki biribildu dute lan osoa.
Diskoa Morauren Bandacamp plataformaren bidez, Hernaniko hainbat lekutan eta jendaurreko emanaldietan bakarrik eskura daiteke. | news |
argia-e9d05de04743 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/altsasukoa-terrorismo-delitua-ez-dela-aldarrikatu-eta-kasuaren-berri-emateko-nafarroari-bira-emanen-diote.html | Altsasukoa "terrorismo delitua" ez dela aldarrikatu eta kasuaren berri emateko Nafarroari bira emanen diote | Euskalerria irratia | 2018-02-23 | Altsasukoa "terrorismo delitua" ez dela aldarrikatu eta kasuaren berri emateko Nafarroari bira emanen diote
Herriz herri joanen dira Altsasuko hainbat herritar, gazteen auzia zertan den azaltzeko, izan ere, bertako zortzi laguni, guztira, 375 urteko espetxe zigorra eskatu die fiskaltzak. Audientzia Nazionalean epaituko dituzte, apirilaren 16tik 17ra.
Nafarroari bira emanen diote Altsasuko herritarrek, ostatuko liskar bat medio "terrorismoa" egotzi dieten gazteen auziaren berri emateko. Zubiri, Garralda, Otsagi, Irubenberri eta Zangotza bisitatuko dituzte larunbatean, lehenengo etapan. Helburua: "Altsasuko zortzi gazteak, beren familiak eta herria bera pairatzen ari diren justizia eza salatzea". Hala, herri bakoitzean bertako herritarrek, elkarteek eta animazio taldeek jasoko dituzte.
Zabala izanen da informazio bira eta ahalik eta herri gehienetara jotzen ahaleginduko dira. Kasuaren "proportzionaltasun eza" salatu izan dute behin eta berriz: "Demokrazia batean bermatuta egon beharko liratekeen eskubideak eta printzipioak urratuak izan dira: errugabetasun printzipioa, legearen proportzionalitatea eta erabilpen ez-estentsiboa, defentsarako eta askatasunerako eskubideak...".
Hitzordu gehiago prest
Martxoaren 3an Lizarraldea, Valdizarbe eta Tafallaldea bisitatuko dituzte. 10ean, Leitzaldea, Baztan, Bortziriak eta Nafarroa Beherea. 17an, bizikleta martxa, Iruñerritik, Gazteluko plazan. 24an, Tuteran eta Erriberan.
Jende mordoa inplikatu da martxaren prestakuntzan: hamazazpi babes talde sortu dira eta 690 pertsona inguru jardun dute antolakuntzan.
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu. | news |
argia-5e40f9c0478c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2589/balea-arrantza-basamortuan.html | Balea-arrantza basamortuan | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-03-04 | Balea-arrantza basamortuan
Atacamako basamortuan, zehazki El Medano sakanean, labar-pinturak aurkitu zituzten XX. mende hasieran. Luzaroan aurkikuntza oharkabean pasa zen, baina mendea geroago margolan gehiago aurkitu zituzten: 328 irudi, 74 paneletan banatuta.
1.000 urte inguru dituzte, burdin oxidoz eginak daude, gehienek itsas eta arrantza motiboak irudikatzen dituzte. eta baleen irudiak nabarmentzen dira bereziki. Orain, Parisko Sorbonako etnologo Benjamin Ballesterrek labar-pintura horiei buruzko ikerlan sakona argiaratu du Antiquity aldizkarian. Ballesterren hitzetan, "artistek itsas jarduera desertuan irudikatu zuten, artearen bidez ozeanoa basamortuarekin kontzienteki erlazionatzeko". | news |
argia-de76466ebf60 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/etorkizunaren-aurka.html | Etorkizunaren aurka | Garbi�e Biurrun | 2015-11-15 | Etorkizunaren aurka
Bi gertaerek atentzioa eman didate azken hilabete honetan: lehena, Arantza Quirogak –Euskadiko Alderdi Popularreko presidente zelarik– aurkeztu zuen proposamena, eta bigarrena, Kataluniako Parlamentean aurkeztu dutena. Biek dituzte ezaugarri komunak: bat, etorkizuna argitzeko ekimen ausart baten aurkezpena da, bizikidetza errazteko edota muga batzuk gainditzeko. Bi, ekimen bien aurrean antzeko erreakzioak eta erantzunak izan dira berauek geldiarazteko eta oztopatzeko. Biek dituzte paralelismoak.
Quirogak proposatu zuen Eusko Legebiltzarrean Askatasuna eta Bizikidetza lan taldea edo batzordea. Deigarriena eta ausartena hauxe izan zen: proposamena Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi guztiei –EH Bildu barne– zuzendu zitzaiela eta indarkeriaren "gaitzespena" eskatu beharrean, bere "errefus" garbia exijitzen zuen. Terminologia kontuak alde batera utzita, argi zegoen, eta horrela adierazi zuen Quirogak berak dimisioa aurkeztu zuenean, egungo egoera gainditu nahi zuela, Alderdi Popularra aldatzen saiatu zela bizikidetzarako tresna bihur zedin. Azken finean, bere asmoa Legebiltzarreko talde guztien arteko akordio zabala lortzea zen Euskadin askatasuna eta bizikidetza gidatzeko beharrezkoak diren printzipio eta baloreen bitartez. Zentzuzkoa bazirudien ere –eta ausarta, noski–, berehala etorri zen Madrildik erreakzio bortitza, erretiratzeko agindua –Quirogak berak aitortu zuenez– eta, berarekin, bere dimisioa eta Alderdi Popularraren jarrera mantentzea. Madrildik iritsi zena, hain zuzen ere, aurrera egiteko aukerak ixtea izan zen, arazoak bere horretan jarraitzea eta, beraz, etorkizuna oztopatzea edo atzeratzea –edo nahia, behintzat–.
Bestalde, Kataluniako Parlamentean Junts Pel Sik eta CUPek –gehiengoak, beraz– Kataluniako Errepublika sortzen hasteko lehen urratsa adostu dute. Ez dut orain akordio hori aztertuko, baina bai esango dut gehiengo parlamentario hori erantzuten ari zaiola irailaren 27ko hauteskundeetan hartutako konpromisoari eta, horregatik, ez zuela sorpresa izan behar.
Kezkatzen nauena da, berriro ere, Estatuak –Espainiako Gobernuak eta hainbat alderdi politikok– akordio horren aurrean aurkeztutako erreakzioa eta ematen ari zaion erantzuna. Alde batetik, argi dago Katalunia izango dela datorren abenduaren 20ko hauteskundeetako gai nagusia eta, horretarako, batzuek erabaki dute erantzuna "konpartituko" dutela, badaezpada ere; honela, inork ez du ez irabaziko ez galduko gai potolo honekin. Horrela ikusten dut nik Gobernuak, PPk, PSOEk eta Ciudadanosek azaldutako jarrera: Estatu gaia, denok bateratua –printzipioz, behintzat– eta denok Kataluniako Parlamenteko independentziarantz marraztutako bide orria gelditzeko prest. Erantzun desberdina –printzipioz ere– Podemosek edota Izquierda Unidak eman dutena, noski.
Esan digute legediak eskaintzen dituen aukera guztiak agortuko dituztela horrelako ekimenak aurrera egin ez dezan. Horrek esan nahi du, hasteko, Konstituzio Auzitegira joko dutela eta, gero, beharbada, Konstituzioaren 155. artikulua aintzat hartuta, Gobernuak, Senatuaren gehiengo absolutua bildurik, dagozkion neurriak hartu ahal izango ditu Kataluniako Erkidegoa bere eginkizuna nahitaez betetzera behartzeko.
Bistan denez, Kataluniaren etorkizuna gauzatzea oztopatu eta debekatu nahi dute. Edozein pertsonaren edo herriren etorkizuna Gobernuaren esku balego legez. Zorionez, etorkizuna auzolanean eraikitzen da. | news |
argia-2159a4c96667 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/bizi-baratzea.html | Irauntza eta iraultza | ARGIA | 2015-11-15 | Irauntza eta iraultza
Jon Sarasua
Jakobaren baratzearen baztertxo batean jarri dut begia. Joxean Artzek egiten digu kuku kontrazaletik, eta Nemesio Etxanizek haren tolesduratik. Koldo Izagirre, Lauaxeta, Montoia, Juan Kruz Beloki, Borges edo Xabier Leteren aleak ere hortxe daude, ortuaren ertzeko barazki. Belar artean, Mixel Elizanburu Robert A. Millikanen ondoan, eta atzeraxeago Pello Mari Otaño.
Baratzea bizitzeko asmo horretan, esango nuke pista bat ematen digula idazle-aipuen bazter horrek. Sorkari biologikoei begiratzeko dugun moduak izan dezakeela zerikusirik sorkari kulturalei begiratzeko dugun moduarekin. Balio-kolore bertsuekin kokatzen garela errealitatearen kiribil handi honetan, lurrari begira eta hizkuntzei begira, arlo guztietan jaso dugunaren zurrunbiloan, espazioan eta denboran gertukoenetik hasita, herentzian eman zaiguna eta biziarazten gaituena ongarritzeko. Oharkabean esanez iraultza, liburuaren aurkezpenean aipatzen den hitz lodi hori, irauntza ere badela.
Iraultza eta irauntza, hoskidetasunak eta lehen kolpeko asoziazioak hala pentsarazten badute ere, ez dira geruza bereko hitzak. Apurño bat ibili naiz ni baratzean, eta, ohi den bezala, lurra iraulita edo astinduta jarri izan dugu. Duela urte batzuk bestelako proba egin genuen: permakultura-ildo batzuek diotenaren haritik, lurra irauli eta astindu gabe, bere hartan landatu genituen barazkiak. Hurrengo urtean ortuaren erdia irauli egin genuen, beste erdia irauli gabe utzi, eta barazki bertsuak landatu bietan. Izan genuen emaitza asmakizun utziko dut irakurlearentzat, gaiak hondoan dituen susmo ideologikoen erantzuna bezala. Ez dakit nik ezer askorik, baina galderatxo batzuk baditut.
Ikasteko, norabide anitzeko jakintza eta talentu pedagogikoa biltzen dituen norbaitek laguntzen badizu, mauka ederra. Bietatik eurrez dauka Errekondok. Bere liburuan horixe egiten da asko: ikasi. Eta iraultzaren eta irauntzaren kontu honetaz zer diok hik, Jakoba?
Jakoba Errekondo
Jon, bertsolaria gaijartzaile!
Baratze kontuetan behintzat, irauntzea iraultzea dek. Hobe esanda: iraultzea irauntzea dek. Dek eta ez dek. Dena, den-dena bezala, baietzaren eta ezetzaren arteko hibrido soila da bizitzan, naturan. Esan gabe aipatu deken Masanobu Fukuokari galdetu behar...
Landareen aiekara hurbilduta, haiek ederki bereizten dituzte irauntza eta iraultza. Espezie bakoitzak egiten du hautua. Espezieari eusteko eta landare berriak sortzeko zein ugalketa era hautatzea da kakoa. Sexurik gabeko ugalketari heldu diotenek klonak sortzen dituzte, hau da, alabak amaren berdin berdinak izango dira, sekula guztian. Gutxi irauteko arriskua du espezie horrek. Eta irauten duena iraunaren iraunez iraungo du, ez biziz. Ugaltzeko sexua, sexuen nahasketa hautatu duten espezieek, aldiz, etengabe hibrido berriak sortzen dituzte, amaren eta aitaren artekoak. Horixe da haziaren mirakulua, dagoen eta gauza naturalena. Etorkizuneko oro lehengoen desberdina izango da, jeneralean hobea, egokiagoa. Iraultza: lehengotik berria, beste bat. Hobetutako ama izango da hazitik datorren alaba. Eta hobetze horrek biziko ditu ama eta alaba; bizi-bizi bizi.
Irauntzan, irauten duenak ez du etorkizunik. Lehentxeago edo geroxeago galdu araziko duen zerbait sortuko da.
Iraultzan, etorkizunera egokitzen dena bizitzara jartzen da. Bizi da eta biziko da. Eta biziko direnak sortuko ditu.
Arrazoi dek Jon, iraultzeak irauntzea dik oinarri. Zer irauli ere behar baita. Iraultzak, ordea, irauntza hutsak baino zerbait gehiago badik: irautetik bizitzera dagoen koxka ttiki horixe. Eta, ez al zaie herriei edo kulturei landareei bezalatsu gertatzen? Animalia kontuetan neure aldean jantzia haizenez, heuk argitu beharko diguk... Ni, badakik, landareen alde: bizi. Heu, bazekiat, baita ere. | news |
argia-111eab27e538 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/lehen-mundu-gerrako-beste-milioika-biktimak.html | Lehen Mundu Gerrako beste milioika biktimak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-11-15 | Lehen Mundu Gerrako beste milioika biktimak
Hamasei milioi animalia inguruk parte hartu zuten Lehen Mundu Gerran, bi aldeetako armadetan: txakurrak, katuak, ekipamendua garraiatzeko zaldiak, mandoak, astoak eta ganbeluak, uso mezulariak…
Zaila da gerretan biktima kopurua zehaztea, are zailagoa animaliak badira. Baina haien erdia baino gehiago hil zirela kalkulatzen da. Zortzi milioi zaldi inguru hil ziren, eta milioitik gora txakur ere galdu ziren frontean. Gizakietan bezalaxe, animalietan ere biktima "zibilak" izan ziren, gainera. Horrenbestez, Gerra Handiko hildako gizaki kopuru izugarriari (hamar eta 31 milioi artean) beste hamar bat milioi animalia gehitu behar zaizkio. | news |
argia-f10b6f00b5aa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/galderak-egiten-ibiltzeko-ohitura-ergel-hori.html | Galderak egiten ibiltzeko ohitura ergel hori | Fermin Erbiti | 2015-11-15 | Galderak egiten ibiltzeko ohitura ergel hori
Eskolan ikasten den leziorik garrantzitsuena da, garrantzitsuena ez dela eskolan ikasten". Ideiarik ere ez nori entzun nion esaldia, baina guztiz bat nator mezuarekin. Eskolak asko eman dezakeela jakin arren, haren mugen berri ere badugu. Inork ez du uste seme-alabak geletan sartu eta hortik jakin beharreko guztiaren jabe aterako direnik. Batetik, eskolan ergelkeria asko ikasten-edo ditugulako; eta, bestetik, bizitzako lezio nagusiak beste bide batzuetatik datozkigulako. Guztiok dakigunez, asko dira bidera ateratzen zaizkigun titulurik gabeko irakasleak, libururik gabeko lezioak: gozoak batzuk, garratzak besteak. Sekula ahantziko ez ditugun ikasgaiak. Kolpean barneraturik, kolpeka askotan.
Ikasle nintzela, niretzat tortura hutsa ziren jarduera askotan aritu nintzen. Preteknologia, izena eta izana gorrotagarriak zituen ikasgaia, bat aipatzeagatik; matematikako problema nazkagarriez ere oroitu ez ezik, amets gaiztoen protagonista ditut, oraindik ere, noizean behin; epe laburragoan sufrituagatik, sekula ulertu ez nituen kimikako kontu ilunak ere eskola garaiko torturen sailkapenean sartuko nituzke.
Hamabost urteko mutikoari, lehen aldiz, nondik jo nahi zuen galdetu bezain laster amaitu zen sufrikarioa. Eta, bat-batean, eragiketa eta formula haiek atzean uztearekin batera deskubritu nuen liluratu ninduen ikasgaia. Irakasleak gai bat mahaigaineratu eta horretaz aritzen ginen solasean, nor bere iritzia emanez: denboraren joan-etorria, edertasuna, egia, justizia… Bitxia zen duela mende askotako jakintsu batzuek horretaz esanikoa irakurtzea: gure harridurarako, hain testu zaharrak berriak ziren aldi berean, gaurkotasun handikoak.
Aitortu beharra daukat: ikasgai hartan landurikoak soluzio argirik ez izatea ere oso erakargarria zitzaidan. Gehiegitan ibilia nintzen matematikako labirintoetan barna galdurik, irakasleak arbelean idatziriko soluzioaren arrastotik hain urrun, haraino nola arraio hel zitekeen ulertu ezinik. Ikasgai berriaren gakoa, nire zorionerako, bueltaka ibiltzea zen, batetik bestera, sekula helmugaraino heltzeko aukerarik gabe. Urtetako esperientziak erakutsia banekien horretan aise mugituko nintzela.
Filosofia zuen izena ni liluratu ninduen ikasgaiak, orain hezkuntza sistematik kanpo utzi nahi duten berbera. Pentsatzen hasita, erabakia ez da harritzekoa. Izan ere, galderak etengabe egiten ibiltzea, inora helduko ez zarela jakinik, denbora-galtze hutsa da, ergelkeria. Gure gizarteak gauza praktikoak nahiago ditu, berehalako etekinak ematen dituztenak. Galderen ordez, erantzunak: ahalik eta gehien, ahalik eta azkarren. Klik batean, ahal bada. | news |
argia-0dd5a31d060b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/esku-ikusezinotan-balego-etorkizuneko-nekazaritza.html | Esku ikusezinotan balego etorkizuneko nekazaritza? | Estitxu Eizagirre | 2015-11-15 | Esku ikusezinotan balego etorkizuneko nekazaritza?
Emakume laborarien lana ez da ikusten. Bere ekarpen ekonomikoa ez da inon kontatzen: asko eta asko ez dira ageri ez Gizarte Segurantzan, eta ez dira ekoizpenen titular. Emakume Baserritarren Estatutuak egoera hori orekatzen asmatuko ote du? Gizarte matxistaren ondorio den ikusezintasun honez gain, Europatik bultzatu den nekazaritza ereduak ere emakumeak nekazaritzatik bota ditu. Aldiz, ertz-ertzekoak diren emakume baserritarrek argi dute nekazaritzaren etorkizuna eurek landu izan duten ereduak duela.
Emakume laborarien lanak ez du ikusgarritasunik. Euren egungo egoera ongi islatzen dute Isabel de Gonzalo Aranoak eta Leticia Urretabizkaia Gilek Las mujeres baserritarras: análisis y perspectivas de futuro desde la Soberanía Alimentaria (Emakume baserritarrak: analisia eta etorkizun ikuspegiak Elikadura Burujabetzatik) liburuan. Sexuaren araberako lan banaketak ekarri du familia ekoizpenetan bereizi egin direla lan produktibo eta erreproduktiboak, eta bakoitzaren errekonozimendu sozioekonomikoa ezberdina izan da. Baserriko bizimoduari eusteko beharrezkoak diren zaintza lan gogorrak badira, eta gainera, lotura zuzena dute aktibitate produktiboarekin. Hirietan bezala baserrietan ere, lan hauek ez dira "lan": Espainiako Estatistika Institutuak (INE) dio etxeko lanak ez direla nekazaritza lanen barruan kontuan hartuko.
Baina horrez gain, emakumeek baserrietan egiten duten lan produktiboa ere ezkutatuan dago: askok ez dute Gizarte Segurantzan kotizatzen, eta emakumeek egin izan dituzten lan produktiboak ez dira nekazaritza jarduera gisa hartu izan (ez INEren estatistiketan, ez legeetan), nahiz eta etxeko ekonomian pisua baduten: esaterako, eraldatutako produktuak ekoiztea (txerrikiak, gazta...) edo zuzeneko salmentan aritzea.
Gainera, ekoizpena gizonaren izenean egon ohi da gehienetan. EAEko landa eremuan egindako azken erroldaren arabera, ustiategien %68 gizonen izenean dago, eta %32 baino ez emakumeen izenean. Ekoizpenaren titularitaterik ez izateak desorekak sortzen ditu etxe barruan, esaterako, jardueraren gestioan erabakiak hartzerako orduan.
Aitortza legal, ekonomiko eta sozialik ez izateak dakar euren langile izaera ez ezagutua izatea. Emakume baserritarren lana ez da lan profesionaltzat hartzen, "etxerako laguntza" gisa baizik.
Zergatik ez dira ageri Gizarte Segurantzan?
Industrializazioak baserrietatik hirietara eraman zuen populazioa, eta nekazaritza ustiategiak langilez hustu zituen. Nekazaritza industrialak, aldi berean, emakumeak ustiategietatik atera ditu. Arantza Arrienek kontatu digu bilakaera, Ozetan (Araba) sagar zukua auzolanean botilaratzen duten bitartean: "Gizarte Segurantzan izena emanda askoz baserritar gutxiago gara egun, eta horien artean emakumeak %30 inguru gara (nahiz eta esaten den azken urteetan emakumeok pixkatxo bat gora egin dugula). Mekanizazio handia eman den tokietan, adibidez, Arabako lautadan, mekanizazioak emakumea jarduera horretatik kanpo utzi du". Zergatik ez diren ageri Gizarte Segurantzan? "Nekazaritzan etekinak ez dira handiak, eta batzuetan sakrifikatu egiten da etxeko baten Gizarte Segurantza; eta emakumearena izaten da. Zerikusi handia du errentagarritasunarekin eta beste zatitxo batean, gizarte matxistarekin: nahiago izaten da traktore bat erostea, etxekoa Gizarte Segurantzan egotea baino".
Emakume Baserritarren Estatutua
Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen Emakume Baserritarren Estatutuak, eskubideetan ezberdintasunak sortzen dituen ikusezintasun egoera honi egin beharko dio aurre. Horretarako, emakume nekazariek Gizarte Segurantzan kotizatzea bultzatzeko laguntzak eskainiko ditu. Bestetik, emakumeak ustiategien titular bezala agertzea –euren kabuz, edo modu partekatuan– bultzatuko du: emakumeen titulartasuna duten baserri eta nekazaritza enpresek puntu gehiago jasoko dituzte lehiaketa publikoetan edo diru-laguntzetan.
Lege honen arabera, gutxienez urteko errentaren erdia nekazaritza jardueratik lortzen duten emakumeak ustiategien jabetzan parte izango dira. Baina zein dira –eta zein ez– "nekazaritza jarduerak"? Alazne Intxauspek azaldu digu gakoa: Intxauspe laboraria da, Iurretako (Bizkaia) baratzeetan landutako fruituak otzaretan saltzen ditu. Nekazaritza iraunkorra bultzatzen duen Etxalde mugimenduko emakumeen taldeko kidea da. Adierazi du euren eskaria izan zela estatutu honetan nekazaritza lan gisa kontuan hartu daitezela baita ere nekazaritza produktuak eraldatzea eta merkaturatzea. Eta pozik dira, estatutuan ikuspegi hori txertatzea lortu dutelako: "Izan ere, bestela oso zaila da emakumeen lanaldia lurrari soilik lotua izatea, horrek hektarea askoko jarduera intentsiboa eskatzen du".
Intxauspek positibo baloratu du baita ere estatutuaren arabera, nekazaritzarekin zerikusia duten erakundeetan, lau urte barrurako ordezkaritzaren %40 emakumea izan beharra –bestela ezingo dute diru-laguntzarik jaso–.
Noraino lortuko duen estatutuak egoeran eraginik izatea? Zuhur ageri da Intxauspe: "Ezagutzen ditugun beste esperientzia batzuek zalantzan jartzen dute antzerako estatutuen eraginkortasuna. Guretzat estatutua erreminta bat da; lege hau hobetu daiteke, noski, eta hobetzera joango gara, baina eskatzen duguna da behintzat dagoen hau baliabidez hornitzea, aurrekontu bat jartzea eta indarra ematea".
Etorkizuneko nekazaritza eta feminismoa
Europako diru-laguntzek (ikus aurreko orriko koadroa) bultza duten nekazaritza eredu industriala "ez da emakumeona eta ez da gizartearentzako ona", adierazi digu Arrienek: "Emakumeak ez gaitu erakartzen nekazaritza horrek; diru handiak eskatzen dituena, inbertsio handiak... Gurea gehiago da inbertsio txikiak egitea, ikusten joatea, aldatzea, partekatzea...". Datuek erakusten dute zenbat eta ustiategi handiagoak izan lur eremutan, emakume gutxiago direla bertako titular. Arrienen hitzetan: "Emakumeak titular diren ustiategiak askoz (baina askoz, e!) txikiagoak dira lur eremutan, eta askoz dibertsifikatuagoak dira. Gizonak ari diren jarduerak askoz espezializatuagoak dira. Emakumeen ustiategietan, normalean, badira loreak, bada baratzea, baratzeko produktuen eraldaketa, oilo apur batzuk, lehortzen dira sendabelar batzuk... Nekazaritzak bereak dituen askoz eremu gehiago hartzen dute. Eta emakumeen ustiategietan gizonenetan baino askoz gehiagotan zuzena da salmenta Beraz, herritarren gehiengoarentzako ona den nekazaritza ereduak antz handiagoa dauka emakumeen ustiategiekin, gizonen ustiategiekin baino". Filosofia tira, eta errentagarritasuna? bestela ezin dela iraun, hori izan ohi da ustiategi handien argudio: "Handi zein txiki, irabazi garbi denok antzekoparezido egiten dugu" erantzun du Arrienek. "Batzuek diru gehiago ikusi bai, ikusten dute mugitzen, baina ez dira errentagarriagoak".
Intxauspek ere argi du: "Elikadura burujabetza ezin da ulertu feminismorik gabe. Nekazaritzak emakume aurpegia du. Gure baserri eredua emakumearen eredua da. Nekazaritzak iraungo badu, ereduz erabat aldatu beharra daukagu. Eredu intentsiboa, hektarea askokoa, monolaborantza, ongarri eta pestizida kimikoak behar dituena, gastu pila dituena... Nekazaritza horrek dakarren bakarra da nekazaria langile prekario bihurtzea. Erdian dagoen industriak kontrolatzen du dena, kapitalak". Etorkizuneko nekazaritza iraunkorra dela baieztatuta, bere oinarriak laburbildu ditu Intxauspek: "Baserriak ezaugarritzat izan duen autonomia berreskuratu behar dugu. Hori izan da emakumeak egin duena historian. Eredu hori soilik da iraun dezakeena. Autonomoa dena, kasik ez duena kanpoko inputik behar, ez hazirik erosterik eta abar. Dibertsifikatua dena eta zikloa baserrian bertan ixten duena". | news |
argia-44e93d27e0e2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/ane-rodriguez-tabakalerako-zuzendaria.html | "Ez gatoz jada egiten diren erakusketak egitera" | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-11-15 | "Ez gatoz jada egiten diren erakusketak egitera"
Ane Rodriguezek duela hiru urte hartu zuen Tabakalerako proiektu kulturalaren lema. Bere eskutik iritsi da egitasmoaren jendarteratzea irail honetan. Flashak eta elkarrizketa asko, baina hasierako zarataren ondoren zer? Hauek dira Donostiako kulturgune handienaren barrenak.
"Gauzak azkar doaz, ez du denborarik ematen komunikazioan eta euskarrietan daukagun gogoeta ondo islatzeko" dio Ane Rodriguez Tabakalerako kultur proiektuko zuzendariak lehen galderari –orain arteko balantzea nolakoa den– erantzunez. Eraikineko hirugarren pisuko bulego batean gaude. Sartzean ikusi ditugu lan taldeko kideak buru-belarri euren ordenagailuetan; loft itxura daukan espazio estreinatu berria, uda txikiko egun horietako bat, giro lasaia, argia sartzen sarrera nagusira ematen duen leiho zabaletik. Hilabete eta erdi pasa da inauguratu zutenetik, hasiera jendetsuaren ostean pixkanaka forma hartzen ari da kultura garaikideko gunea, baina oraindik falta dira gerora eraikinean garrantzia izan behar luketen zenbait osagai. Esana zuten: irekitzea ez da iraileko zita nagusiarekin bukatu, udazken osoan estreinatu nahi dute tabako fabrika zaharberritua.
Hainbat inaugurazio egiteko adina metro behintzat badago hemen. Handiegia ere ez ote den. Donostian, are Gipuzkoan honelako zerbait edukiz betetzeko adina masa kritiko ez sortzeak kezkatzen ote duen galdetuta ezetz dio, "ardura partekatua" delako. Alegia, dena ez dago Rodriguez eta bere ekipoaren esku, eraikinaren laurdena da gutxi gorabehera kultur proiektua.
Apuntea hartzen dugu: ondo desberdindu behar da zer den Tabakalera –eraikina– eta zer Tabakalera –egitasmo kulturala–. Bata espazioa, bestea dinamika; bata eskaparatea, bestea barruan aurki dezakezunaren parte bat, Euskadiko Filmategiak, Zineuskadik, Zinemaldiak, Kutxak eta Etxepare Institutuak egingo dutenarekin osatuko dena, baita beste zenbait ekimenekin ere. Edonola, Rodriguezek uste du ez direla behar bezala desberdintzen oraindik: "Edifizioaren izen bera edukitzea bada zama, kultur proiektua epaitzen delako gainontzekoaren baitan". Estreinatu eta berehala ikusi dute, moda desfile bat egiteko Tabakalerako espazio bat alokatu dutenean: "Ez genuen guk antolatu, baina ezinbestean jendea Tabakalerara baldin badator gurekin lotzen da. Gauza horiek probatu egin behar ditugu, funtzionatzen duten ala ez; ditugun osagaiekin gauzak nola egin ikusi, ea gatz pixka bat gehiago behar duen edo olioarekin pasa garen".
Beste inork egingo ez dituen erakusketak
Potentziala ez da txikia honelako espazioa eskura edukita. "Publikoen arteko harremana" aipatu du Rodriguezek indargune gisa. Eraikinean sartzen denak egin ditzakeen zirkuituak ditu buruan: "Kutxaren ikasgeletara datorren norbait gero liburutegitik pasa daiteke eta ondoren zineman ze programazio dagoen ikusi; edo alderantziz, gure erakusketa bat ikustera datorren kanpoko komisario batek hemengo zerbait ezagutu". Asmo oso desberdinekin joango diren pertsonek elkar kutsatzea da xedeetako bat.
Esatea erraza da, baina publikoaren parte handi batek "arte" hitza entzun eta ondoren etor daitekeenaren beldurrez eskuak belarrietara eramateko joera daukan herri batean, hesi asko bota beharko dira. "Nik uste konplexu asko ditugula. Eta nire burua zakuan sartzen dut. Jakin behar dugu gauzak lasaitasun handiagoarekin ikusten", dio Rodriguezek. Erakusketa garaikide baten aurrean "gustatzen zait" edo "ez zait gustatzen" esatearen alde agertu da, adibidez. Hobe da hori bere ustez, "ez dut ulertzen" esan eta bertan goxo geratzea baino.
Gomendioa praktikan jartzeko lehen aukera, Tabakaleraren estreinako erakusketa. Ikus-entzunezkoen aldiriak intentzio-deklarazio gisa ulertu behar ote den galdetu diogu zuzendariari, ez baita, nolabait esateko, oso erakusketa "komertziala" –eta irekitzean gauza mainstream ago bat egitea barkagarria izango zen–: aztertzen ditu, besteak beste, ikus-entzunezko artearen ekoizpen, erreprodukzio eta transmisio baldintzak, bisitariari hasieratik ahalegina egin dezan eskatuz. "Hau beste lan batetik dator, Apologia/Antologia , eta bi urtean aritu gara horretan lanean. Nahiko logikoa iruditu zitzaigun etxean abiatutako erakusketa bat egitea eta ez enkarguzko zerbait". Koldo Mitxelena, Kutxa Kubo aretoa eta San Telmo ere hor daude, beraz Tabakalerak bere eredua aurkitu behar du, sorkuntza berriko erakusketak eginez; edo sorkuntza bultzatzen dutenak; edo ikerketa baten ondorioz presentatuko duten zerbait: "Gu ez gatoz jada egiten diren erakusketak egitera".
Baina, Ikus-entzunezkoen aldiriak era itzuliz, aitortu du: "Bai, arreta eskatzen du. Eta guk hor erakunde bezala mediaziorako erremintak eskuragarri jarri behar ditugu. Ez da gure nahia, inondik inora, erakusketa itxiak egitea. Baina diskurtso bat egin nahi dugu erakusketak planteatzen ditugun heinean. Ikasiko dugu erakusketa batetik bestera komunikazioa hobetzen; ariketa egin behar dugu testuek ere lur har dezaten.Bestela elkarrizketa mozten da eta ez da inora ailegatzen".
Agintari berriak: plan aldaketa?
Azken udal eta foru hauteskundeen kanpainan 15 minutuko fama izan zuen Tabakalerak, Markel Olano Gipuzkoako EAJko zerrendaburuak Egiako eraikina "ikus-entzunezko puntako sormen gune" bihurtzeaz hitz egin zuenean, gaur egungo proiektuarekin bat egiten ez duen zerbait, alegia: momentuz diziplina ugaritako praktika artistiko garaikideak dira ardatza, ez bakarrik ikus-entzunezkoak, ezta produkzioa huts-hutsean ere. Jakina denez, gero Olanok hauteskundeak irabazi zituen eta eraikineko administrazio kontseilua osatzen duten beste bi erakunde publikoak ere –Donostiako Udala eta Eusko Jaurlaritza– EAJren esku daude.
Abiatu eta segituan aldatzen hasi behar? Rodriguezek bi partetan esplikatu du gaiari buruzko bere iritzia, egun zentroak dauzkan helburuak gogora ekartzearekin batera. Bat: "Horiek aldatzea erabakitzen bada edo negoziatzea tokatzen bada, negoziatuko da. Nik ulertzen dut agintari bakoitzak badauzkala helburu finkatu batzuk; eta hori horrela izanda, negoziaketa batean sartu behar zara". Bi: "Baina Tabakalerak hamalau urte behar izan ditu irekitzeko. Denbora behar da proiektua mamitzeko. Hasi aurretik elementuak aldatzen hasiko bagina, atzerapausoa izango litzateke".Horrelako aldaketarik egiteko saiakerak izan ote diren galdetuta Rodriguezek ezetz dio: "Saiakerak baino, badaude helburu desberdinak finkatuta legegintzaldi batetik bestera".
2012an hartu zuen proiektuaren gidaritza Rodriguezek, panorama instituzional arrunt diferentearekin –Bilduren esku zeuden Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala; PSE-EEren gobernua zeukan Eusko Jaurlaritzak–. Lau urtean behingo aulki jokoaren ostean agintari berriekin harreman ona daukala dio, "erotzeko moduko uda" izan dute inaugurazioarekin eta horren ondoren eseri dira zuzendaria eta instituzioak. "Konbertsazioa" da harremana definitzeko erabili duen hitza. Zaintzea komeni den elkarrizketa, kulturgune honek eduki dezakeen proiekzioa edozein agintarirentzat karamelua baita. "Hala da. Eta ez hemen bakarrik: Espainiako Estatuan ere horrelako proiekturik ez da ireki".
Gutxi falta da 2016. urtean sartzeko
Elkarrizketa hau Donostiak Europako Kultur Hiriburuaren banda jantzi baino aste batzuk lehenago ari da grabatzen. Hiriko programazio kultural publikoak koordinatzeko premia sortuko du zitak eta 2016aren bulegoak hartu du bere gain ikuspegi orokorra emateko zeregin hori. Tabakalera tartean dago noski, eta beste erakundeekin egiten ari den lana esplikatu du Rodriguezek. Azaldu duenez, ez dago organismorik erakunde arteko harremanak bideratzeko: "Nik uste 2016ak utzi beharko lukeen legatu horietako bat hori izan beharko litzatekeela, metodologiaren bat denon artean gauzak pixka bat koadratzeko". Ebentoa pasako baita, baina egitasmo asko irauteko asmoz jarri dira martxan.
Aldaketa urtea izango da hortaz 2016a. Eta edozer kanbiatzen hasten denean bezala, erresistentziak sortu dira. Lagin bat, Nosferatu zine zikloa Antzoki Zaharretik Tabakalerara eramatearekin gertatu dena: saio batean zenbait ikusle lekurik gabe geratu zirelako zurrumurruren bat entzun da, garrantzi gutxiko kontua, baina aukera ematen duena galdetzeko ea Egiakoa bezalako espazio batek Donostiako eskaintza larregi zentralizatu ote dezakeen. "Horrelako proiektu bat irekitzeak ekartzen du hirian gauzak birpentsatzea" Rodriguezen ustez, "baina ez litzaiguke gustatuko beste espazioak edukiz hustea".
Pieza asko ari dira mugitzen Donostiako kultur eskaintzan eta Tabakalerak dantza horretan bere pausoa markatu beharko du, zentroaren nazioarteko izaera ahaztu gabe eta herritarrak erakartzen saiatuz. Seguruenik ideiak argiago iritsiko dira urriko egun honetakoa bezalako isiltasunarekin, lehen asteetako zaratatik urrun, eta datorren urtean espero daitekeen espektakuluaren aldirietan. | news |
argia-1252a9b0785f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/mexikok-duela-75-urte-galdu-zuen-drogen-gerra.html | Mexikok duela 75 urte galdu zuen drogen gerra | Pello Zubiria Kamino | 2015-11-15 | Mexikok duela 75 urte galdu zuen drogen gerra
1940an lau hilabete laburrez drogen ekoizpen eta kontsumoa aske izan ziren Mexikon, Lázaro Cárdenas lehendakari aurrerazaleak mediku eta adituen aholkuz hala erabakita. AEBak, ordea, drogen errepresioan murgiltzen ari ziren: yankien xantaiari ezin egin izan zien aurre Cárdenasek. Mexikoko gaurko kaosa aukera galdu haren umea da.
El Chapo gobernuak askatu zuen, Mexikorentzako hobe dagoelako libre preso baino. Don Winslowk esan du, halako arrakasta bildu duen The Cartel nobela beltzaren idazleak.
Bortizkeriarik ikaragarrienak kontatzen ditu Winslowk liburuan. Kazetari bati aitortu dio ez duela irudimena gehiegi nekatu behar. "Kontatu dut nola 17 urteko sikario batek –10 urterekin hasi zenak– biktimari buruko larruazala kendu eta honen aurpegia erantsi zion baloi bati. Aurpegi horrekin ari zen hormari kolpeka! Ni ez naiz hori asmatzeko gauza".
Nola amildu da Mexiko leize horretan? Mexikon 300 dolarretan ekoiztua AEBetan 18.000n saltzen da. Dirutza horrek dena usteltzen du, polizia, soldatu, abokatu, funtzionario, politikari, gazte...
Konponbide bakarra drogak legeztatzea dela demostratzen du Winslowk zifra urri batzuk erabiliz. AEBak eta Mexiko artean urtean 46.000 milioi dolar gastatzen dute droga pertsegitzen eta kalteak osasungintzan konpontzen. Legezkoa ez delako, gainera, galtzen dituzte 47.000 milioiko sarrerak zergatan. Gastatuak eta kobratu gabeak batuta, 93.000 milioi.
"Erabili dezagun gazteei heziketa ona ematen, lan duina ekarriko duten enpresak sortzen, drogen mende daudenak ongi artatzen... Orain desegiten ari den gizartea salbatuko genuke!".
AEBetako zenbait estatu hasi dira lehen urrats lotsati samarrak ematen drogen legeztatzean, funtsean marihuana. Gero eta sarriago entzuten dira hautu horren aldeko adituak, baita drogen kontrako gerran dominak irabazitakoak ere. Baina gaur bertan lortuko balitz ere, esan beharko genuke 100 urte iraun duela ustez gizartearen mesedez agintariek egindako petto ikaragarriak.
Bi liburuk kontatu dute nola galdu zen aukera 1940an: Juan Alberto Cedillo kazetariaren La Cosa Nostra en México -k eta Froylan Enciso historialariaren Nuestra historia narcótica. Pasajes para (re)legalizar las drogas en México titulua daramanak.
Drogen errepresioaren arrastoak badira gutxienez XVIII. mendetik, Espainiako Inkisizioak Mexikoko jatorrizko jendeek hain nasai zerabilten peiotea debekatu zutenetik. XIX. mendean kokainaren eta beste narkotikoen eraginak hasi ziren aztertzen eta drogak legeztatu beharra aipatzen ere bai.
1917an Venustiano Carranza medikuak konbentzitu zituen Legebiltzarreko kideak drogak legez kanpo uzteko: hiru boto baizik ez ziren azaldu "gure arraza pozoitzen duten substantziak" debekatzearen kontra. Aldiz, beste mediku batzuk berehala hasi ziren justu alderantzizkoa eskatzen, narkotikoen legeztatzea.
Leopoldo Salazar Viniegra sendagilea buru zutela, lortu zuten Lázaro Cárdenas lehendakaria konbentzitzea. 1940ko otsailaren 17an argitaratu zuen Mexikoko agerkari ofizialak Reglamento Federal de Toxicomanía deitua.
Gerra aurreko barealdi laburra
Juan Alberto Cedillok kontatu duenez, Mexikoko estatuak bere gain hartu nahi zuen debekatutako farmakoen monopolioa, horrela saihestuz kontsumitzaileek trafikatzaileetara jo beharra. Dekretuak iraun zuen hilabeteetan Estatuak doan eman zizkien marihuanazko zigarretak eskatzen zituzten presoei, kaleko heroinomanoei beren substantzia prezio txukunetan banatu zien bezala.
"Cárdenasek AEBei aurkeztua zien legea, honen funtzionarioei azalduz drogen trafikoa etetea ezinezkoa zela, polizia bezala agente bereziak erosita zeuzkalako, hain handia zen ordurako trafikatzaile batzuen indarra", dio Cedillok.
Mexikoko ezkerraren mito nagusietako bat da Lázaro Cárdenas, herri xehearekin tratu errazeko gizona, nekazaritzako lurren erreforman urratsak eman zituena, Espainiako gerra zibiletik ihesi iritsitakoei ateak zabaldu zizkiena. Drogen arautzea 1940an justifikatu zuen oraindik XXI. mendean aipatzen diren argudioen oso antzekoekin.
Ez zen Cárdenasen beroaldi bat. Mexikok itzal handia zuen garai haietan nazioarteko gobernuen artean eta Nazioen Ligan –gaurko NBEren arbasoa– beste zenbait agintari ere debekuak kendu eta drogen kontsumoa arautzeaz ari ziren. Alkoholaren debekuak mafia indartzeko baino balio izan ez zuela ohartuak ziren.
Berehala heldu zen AEBen erreakzioa. Cárdenasek Harry Anslinger aurkitu zuen aurrez aurre. Anslinger izana da AEBen narkotikoen debekuaren ortodoxiaren zaintzaile, 1930an hasi eta 1962 arte bera izan baita Narkotikoen Bulego Federalaren buru, Hoover presidentearekin hasita Roosevelt, Truman, Eisenhower eta Kennedyrekin. 32 urteko agintaldi amaiezina.
1940an lau hilabetez trafikatzaileak estu eta larri ibili ziren Mexikon, drogen arautzeak negozioa izorraturik. Baina AEBek, Anslingerrek kanpaina gogorra egin ostean mediku mexikarren eta hauek narkotikoen inguruan sortutako dokumentazioaren kontra, ultimatuma bidali zioten Cárdenasi: edo legea bertan behera utzi edo Mexiko geratuko zen botikarik gabe. Garai hartan, orain bezala, AEBek kontrolatzen zuten botiken industria, orduan nagusiki produkzioa, gaur egun aski patenteen jabe izatearekin.
Laster Cárdenasek ezin izan zuen gainditu gringoen presioa. Ekainaren 10ean bertan behera utzi zuen Toxikomanien Arautegia. Udazkeneko hauteskundeetan Cárdenasen lekuan, nahiz eta PRI alderdi berarekin, Manuel Avila Camacho iritsi zen lehendakaritzara. Avila argi eta garbi kokatu zen debekuzaleen lubakian. Mundua gerran zegoen eta AEBak ez zeuden txantxetarako.
Hilabete gutxiren buruan Avilak armada bidali zuen heroinaren ekoizleen kontrako operazio militarrean Sierra Madrera, Triangulo de Oro deitzen dioten eskualdera. Horkoxea da Joaquin El Chapo Guzman, Sinaloako karteleko buru ospetsua, berrikitan presondegitik ihes egina Estatuaren kontrata batek txukunago zulatuko ez zukeen tunel batetik.
Beti Sinaloa. 1970eko hamarkadan eskualdeko nekazariek etekin handia ateratzen zietenean heroinaren prezio garestiei, Mexikoko armadak operazio bortitzak burutu zituen AEBek narkotrafikoari deklaratutako gerra zela eta. 2006tik 100.000 heriotza eta 26.000 desagertu eragin dituen gerra.
Dio Encisok, bera ere Sinaloakoa: "Herriok izan dira giza eskubideen desmasien laborategi eta biktimak bilakatu dira erasotzaile. Mexikoren drogekiko harreman guztia dago bortizkeriaz, ustelkeriaz eta oinazez beterik, baina beti ez da hala izan, eta ez du betirako zertan izanik". | news |
argia-df5968794ca8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/jo-ta-ke.html | Jo ta ke | Joanes Etxebarria | 2015-11-15 | Jo ta ke
Dependentziari herra ukaitea eta independentzia aldarrikatzea ohitura bilakatu zaigu batzuei gazte-gaztetatik. Bi estatuen partez, Euskal Herriko gobernu baten menpe izatea nahiago genuke. Baina ttipitik sartua dugu buruan ideia hori, eta ez diogu sobera kasu egiten, ez segitu beharreko estrategiari, ezta gauzagarri ote den pentsatzeari ere.
Zigarreta ala zigarroari menpekotasun handia diot eta azken bost egunak batere piztu gabe iragan ditut. Garaipentxo bat izan da egun bakoitza. Porrot handia seigarren egunean bat piztu izana. Baina in-(eta)-dependentzia gora eta behera aipatzeko balio izan dit, eta pentsakor utzi nau.
Azkenean, menpekotasuna zein heinetara errotua den sentitzen baita, utzi nahi denean. Ez delarik fisikoa mentala da, eta ez dakit zein den okerrena. Menpekotasunarekin bukatzea eguneroko bataila da, bereziki ez denean konpentsazio prozesu bat abian ezarria. Erran dezadan duela urte batzuk hipnosiari esker zigarretak zurezko zotzekin ordezkatzen nituela. Estatuen kasuan, hirugarren estatu batek konpentsa lezake besteekiko dugun menpekotasuna. Baina hura heldu artean, zein zaila den loturetatik deslotzea, nahiz eta ez ukan ezta nikotinaren sentsazio lasaigarria ere. | news |
argia-6bb5f980ae44 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/gorroto-platonikoa.html | Gorroto platonikoa | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-11-15 | Gorroto platonikoa
Atenas, K.a. 387. Platon greziar filosofoak Akademia sortu zuen, eta bertan hainbat gairi buruzko eskolak ematen hasi zen: etika, psikologia, antropologia, epistemologia, metafisika, kosmogonia, hizkuntzaren eta hezkuntzaren filosofia… Sokratesen ikasle izana, Platonek berak ikasle bikainak izan zituen Akademian, Aristoteles esaterako.
Baina zorroztasuna funtsezkotzat jotzen zuen arren, ez zuen lortzen ikasle guztiak eskola hasteko garaiz iristea. Garai hartan denbora neurtzeko gailuak bazeuden, esaterako, eguzki-erlojuak eta klepsidrak. Klepsidra izena grekotik dator: kleptein hitzak lapurtu esan nahi du eta hidor hitzak, ura. Beraz, "ura lapurtuz" denbora neurtzen zuen gailua zen. Mekanismo soila zuten klepsidrek: ontzi bat urez betetzen zuten eta azpialdean zuten zulotxo batetik urari pixkanaka isurtzen uzten zioten, jario etengabe eta erregularra eraginez; hala, ontziko uraren mailak behera egiten zuen, bidean ontziaren barruan adierazitako denbora tarteak markatuz –edo bestela, markak ura isurtzen zen bigarren ontzi batean ipintzen zituzten markak, bete ahala orduak jo zitzan–.
Baina klepsidrak alferrikakoak ziren iratzartzeko. Morfeoren atzaparretatik ihes egiteko metodo bakarra oilarren kukurrukua zen, baina Atenasko Akademiaren ingurukoak ez ziren oso fidagarriak, nonbait, eta Platonek sistema zehatzagoa asmatu zuen. Besterik gabe, alarma bat gehitu zion klepsidrari. Behean hermetikoki itxitako beste ontzi bat erantsi zion, biak hodi baten bidez lotuta. Lehenengo ontziaren barruan sifoi bat ipini zuen. Aurreikusitako unea iristean, sifoiak ura botako zuen, mugitutako aireak bigarren ontzia beteko zuen eta goiko aldeko zulo txiki batetik ihes egingo zuen, teontzietan lurrunak egiten duen txistuaren modukoa eraginez. Horrenbestez, Platonek lehen iratzargailua asmatu zuen. Gailuari zintzarriak eransteko asmoa zuen, asmakizuna eraginkorragoa –eta gorrotagarriagoa– izan zedin. Baina ikasleez gupidatu zen, nonbait, eta ez zuen mehatxua bete.
Gerora, iratzargailua "hobetu" nahi izan zutenak arduratu ziren horretaz. Adibidez, ura isurtzen zen bigarren ontzian metalezko bolatxoz betetako platertxo bat jarri zuten. Ura platertxoraino iristean, platera makurtzea eta bolak metalezko hirugarren ontzi batean jaustea eragiten zuten. Burrunba edonor esnatzeko modukoa izango zen. Beste bertsio batean, ontzia urez betetzean jausi egiten zen, eta harri bat metalezko plater batera jaurtitzen zuen katapulta modukoa abiarazten zuen. Kandela baten barruan bola bat sartuz gero, argizaria urtzean bolatxoa askatu eta metalezko gainazala jotzen zuen.
Eta hala, goizeroko tortura mekanismoa apurka finduz joan ziren, baina lehen iratzargailua asmatu izanaren zalantzazko ohorea Platoni dagokio. Orain badakigu goizero noren izena madarikatu. | news |
argia-7f6e987f6b7b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/susan-george-altermundialista.html | "Kimera da jendearen sufrimenduak politikak alda ditzakeela pentsatzea" | Sustrai Colina | 2015-11-15 | "Kimera da jendearen sufrimenduak politikak alda ditzakeela pentsatzea"
Txanogorritxoren ipuina kontatzen zidatenean Hiru txerritxoena eskatzen nuen, Hiru txerritxoenarekin hasiz gero Edurne Zurirena, Edurne Zurirena zabaldu orduko Mari Errauskinena… denak ipuin berbera zirela ohartu nintzen arte.
Alarma, alarma, alarma, alarma...
Zibilizazioaren historian lehen aldiz, gizakia giza espeziea deuseztatzen ari da. Petrolioaren deskubrimenduak dolarrak jarri zizkigun begien partez, altzairugintzaren loraldiak orotariko gas festa ekarri zuen... Sistematikoki bihurtu ditugu aukerak mehatxu. Pentsa, 200 urte txatxu aski izan ditugu 200 milioi urte burutsu komunetik behera botatzeko. Lurraren gainean inoiz egon den espezierik kaltegarri eta toxikoena gara. Hori da arazo guztien erroa. Hori hala deno, jendea aski ongi bizi den, denentzat enplegua dagoen, denak ongi sendatu daitezkeen, eta haurrei heziketa aberatsa eskaintzeko aukera duen jendarte duina aldarrikatzea iraultzailea izatea da. Ahoa ireki orduko, "ezin dugu besterik egin", "aukera txarren artean onena hautatu dugu", "hauxe da egokitu zaigun garaia" bezalako fatalitateak aurpegiratuko dizkizute. Gure gogoetan alternatibarik eza txertatzea da sistemaren garaipena. Alternatibak, aitzitik, egon badaude, plantan ezartzeko borondatea da falta dena. Martxa honetan, alta, lehenago etorriko da giza espeziearen desagerpena patrikak bete eta bete ari direnen borondatea baino.
Gainontzeko krisiak krisi ekonomikoaren ke-gortinaren atzean ezkutatzeko borondatea ikusten dut nik.
Bi muturreko joera oker antzematen ditut. Hainbat krisiren arteko inoizko gurutzaketa nahasiena bizi dugun irudipena zabaltzeko interesa batetik, eta arazo guztien oihana krisi ekonomikoaren zuhaitzarekin estali nahia bestetik. Izan ere, ez da ahantzi behar medioak bozgorailuak direla. Interesa dutena azpimarratzeko bolumena igo egiten dute eta estali nahi dutena isiltzeko jaitsi. Egun osoan krisi ekonomikoa gora eta behera dabiltzala iruditu arren, krisi ekonomikoaren ikuspegi jakin batez baizik ez dira ari. Noiz aipatzen dira bankuen ankerkeriak? Noiz biluzten da finantza sistema? Irakurri duzu sistematik irteteko asmorik? 2008ko krisi basatiaren ondotik denak lehen bezala jarrai dezan utzi dugu. Ikusi besterik ez dago, merkatuetan finantza tresna deribatuak eta truke operazioak biderkatu egin dira. Hori ez da hedabideetan agertuko, baina horrek ez du esan nahi, ez gertatzen ez denik, ez gertatzen dela ez dakigunik. Askatasuna fakturak norberak ordaintzetik hasten da, ordea, eta hedabide handiak fortuna handiagoen esku daude.
Askatasunaren fakturetatik fakturen askatasunera pasa gara?
Eskubide sozialen eraistean urrats bat haratago joateko aitzakia baizik ez da izan krisi ekonomikoa. Reagan eta Thatcherrekin gorpuztu eta munduaren hegoaldean esperimentatu eta findu zen neoliberalismoa aplikatzen zaigu egun. Gu dolarean txikitu baino askoz lehenagotik dago doktrina asmatuta eta olioztatuta. Oso modu inteligentean pentsatu, garatu eta ehundu dute amarauna. Aspaldi ulertu zuten boterea iraunkorki lortzeko bortizkeriak soilik ez duela balio, jendearen garunean sartu behar dela, ideiak gogoetan txertatu, iritzi sortzaileak paisaian urtu... Dena egin dute zuk pentsatzea nahi dutena zuk zure kabuz pentsatzen duzula sinets dezazun. Neoliberalismoak dirutzak gastatu ditu ideiak fabrikatzen. Armagintzan zein kimikan ateratako fortunak fundazioetara bideratu dituzte ideiak sortu eta pestiziden gisan jendartean hedatzeko. Ordaindu behar denean ordaintzen dute, saritu behar denean saritu, ez daukate erreparorik bere burua alternatibotzat duen puntako ikerlaria fitxatu eta arrastoan sartzeko, eta batez ere, garaiezinak diren joko-zelai bihurtu dute mundua. Izan ere, neoliberalen arrakasta ez dator denetan onenak izatetik, beraiek onenak diren zelaian partidak jokatzera behartzetik baizik.
Zer egin du ezkerrak horri aurre egiteko?
Askorik ez. Errealitate gorria atarian ikusi arte ez gara mehatxuaz jabetu, eta okerragoa dena, gure ideiak askoz hobeak zirela uste genuenez ez ditugu defendatu ere egin. Arrazoia izatea aski zela konbentzituta bizi izan gara, lastoa eta garia aukeran jarrita jendeak gariaren alde berez egiten zuela sinetsita. Askatasuna zein aniztasuna ez badituzu defendatzen, merkatuak dena konpondu dezakeela eta aterabiderik onena merkatuarena dela sinesten bukatzen du jendeak. Pentsa, austeritate politikak iragarriz Thatcherrek "ez dago beste alternatibarik!" aldarrikatu zuenean, ezkerraren jokamolde eta pentsamolde guztia blokeatu zuen lau hitzeko esaldi batekin. Horren atzean, ordea, estrategia burutsua, dirutzak eta lana daude, ez espiritu santua.
Lau hitzeko esaldi batekin pitzatu daitezke klase sozialak?
Identitatearen politika garatuz irabazi du sistemak klase sozialen bataila. Dena dago eginda norbanakoak euren identitate pertsonalaz arduratu eta elkarrekin eraiki ahalko genukeena ahanzteko. Homosexualen ezkontza homosexualena soilik dela sinestarazten digute, etorkinen afera etorkinen kontua baizik ez dela, abortatzeko eskubidea abortatu behar dutenena bakarrik... Identitatearen politikak izugarri frenatu ditu borroka progresistak. Bestelako mundu hobe baten aukera identitatearen bidez zatitu eta pitzatzea izan da sistema neoliberalaren estrategia. Hori hala, nola ez dira aldatuko klaseak? Gure amamaren sasoian, diruak garrantzia zuen baina gaur egun duena baino askoz gutxiago. Diruaz gaindiko elementuek ere saretzen zuten klase soziala. Gaur egun, ordea, sozialki diruak jartzen zaitu zure lekuan, ez beste ezerk.
Sufrimenduaren eztandak aldatu dezake hori?
Jendeak pazientzia harrigarria du, behar baino askoz gehiago jasaten ari da. Erreboltarako, alta, elkartzeko egiturak, enpatizatzeko guneak behar dira, eta tamalez, sufritzen duen jendea biltzeko topagune eraginkorrak falta zaizkigu. Horregatik iruditzen zaie batzuei eskuin muturra dela euren minak arinduko dituen ukendua. Ez dira ohartzen desberdintasunak areagotzen duela pairamena. Izan ere, buru-gaixotasunen, suizidioen, alkoholismoaren, droga menpekotasunaren, gazteen delinkuentziaren, obesitatearen... erroan desberdintasun sozialak daude. Sufrimendua ez baita materiala soilik, jendartean zokoratua eta gutxietsia izatea ere bada. Eskailera sozialaren kontzeptua hain barneratua izateak izugarrizko kaltea egiten dio gure osasunari. Gora iritsi nahi eta ezina, eskaileran gorago daudenekiko malerus sentitzea, etengabe nork menostua izatea... Tortura hutsa da! Bazterketa sistema bat da gurea, onenak hartzen eta gainontzekoak alboratzen dituena. Horixe mundializazioaren ikur gorena. Hala, kimera da jendearen sufrimenduak politikak alda ditzakeela pentsatzea.
Bozkek alda dezakete mundua?
Hor dago Tsipras, hor dago garai batean esperantza iturri izan zen Obama... Ez dut nik esango bozkatzeak ez duela deusetarako balio, okerrenerako gonbitea litzateke. Arazoa da botoak salgai daudela. Estatu Batuetan, esaterako, aberaskiloek nahi beste diru sartu dezakete hautagaien kanpainetan zein propaganda aparatuetan, eta haragia ahula izateaz gain, patrikak beratzen du bihotza. Bozkak erostetik hasten da demokraziaren usurpazioa. Hala, politikariak merkatuaren erabakiei bedeinkazioa emateko besterik ez daude, eta bitartean, merkatuaren erabaki oro erabaki ona dela dioen doktrina zabaltzen eta sendotzen da. Izugarria da merkatuaren diktadura. Botere ekonomikoaren eragile nagusiei edozertarako eskubidea onartzen die ekonomikoki boteretsuak diren bitartean. 30 urtez lobbyak neurri eta kontrolik gabe hazten utzi dituzte, aditu batzordeetan parte hartzen dutenen %90 enpresa handietako jendea da... Ez dago miraririk, ereiten duzun ideologiaren araberako lege uzta biltzen duzu. Nork gobernatzen du? Norentzat? Zertarako behar dituzte enpresek estatuak itzaletik gobernatzeko ez bada?
Hori indartzera dator TTIP?
Enpresa transnazionalek 20 urte daramatzate jokaldia prestatzen eta aitzina jotzeko tenorea iritsi dela erabaki dute. Hala, tribunal pribatuak hobesten dituzte, legeak egin eta desegiteko aukeraren jabe egin nahi dute, enpresaren etekinak kaltetzeko moduko edozein neurri hartzen dituzten gobernuen aurkako auzibideak zabaltzeko modua izan. Aspalditik zebiltzan lotsa galduta eta disimulua galdu dute orain. Alabaina, jendea ez da tontoa, ulertu du zer dagoen jokoan eta TTIPen aurka altxa da. Hori da enpresek espero ez zutena. Bulegoetan pentsatu, bulegoetan adostu eta bulegoetan itxiko zen afera bat zela uste zuten, ez zela inor ezertaz konturatuko. Drakularekin egin zutena egitea dagokigu, banpiroa argitara ateratzea, ea horrela hiltzen den.
Egoera irauli daitekeela frogatzen du horrek?
Poliki eta pazientzia handiarekin egoera makurrena ere irauli daiteke. Bakoitzak egiten dakiena ahal bezain ongien egitea da bidea, ondokoa bere arloan zure antzeko bilaketan ari dela ohartzea, sinestarazi nahi diguten bezain aparte ez gaudela ez ahanztea. Iritsiko da indar guztiak bat egingo duten eguna. Ez da alferrik masa iritzia elur-jausien parekoa. Urteak joan eta etorri malutak elkarren gainean pilatzen dira, eta halako batean, itxuraz beste guztiak bezalakoa den maluta batek elur-jausia eragiten du. Mohamed Bouazizi-ren historiak frogatzen du inoiz ez dela jakiten noiz. Tunisiako barazki saltzaile bat zen, erabat ezezaguna. Enegarren jazarpenaren ostean bere barazkiak kendu zizkion poliziak. Baldintza horietan ezin zuenez familia aurrera atera, kalera irten eta bere burua imolatu zuen, udaberri arabiarrari hasiera emanez. Elur-jausia eragiteko hain gertakari lazgarririk behar ez izatea espero dut, baina...
Ez diezagula elurrak etorkizuna estali.
Geopolitikoki Txinak pisu handiagoa izango du, Ekialde Hurbileko etorkizuneko potentzia Iran izango da, klima aldaketak egun kolpatzen dituen eskualdeak bortizki kolpatzen segituko du, mundializazioak geroz eta jende gehiago utziko du bide bazterrean, harresiz jositako Europa militarizatu bat eraikiko da... Hori da sistemak errefuxiatuen krisiari emango dion irteera. Denok dakigu hilabete hauetako errefuxiatuen exodoa ñimiñoa dela ezagutuko dugunarekin alderatuta. Horregatik diot klima aldaketak errotik bereiziko duela mundua, euren ipurdia salbatzen ahalko dutenen eta ezingo dutenen artean. Gainera, euren ipurdia salbatu dezaketenak ere etengabe euren ipurdia salbatzera kondenatuta egongo dira, noiz arte biziraun ahal izango duten jakin ezinik. Klima aldaketari berehala adarretatik heldu ezean jai daukagu. Alferrik ikertuko ditugu ondorioak ez baditugu kausak desagerrarazten.
Norbere bizitzan, alta, badira elurra lurmendu arren desagertzen ez diren lorratzak.
Ez nintzen politizatua sortu, ez ninduten ardatz politikoen inguruan hezi, nerabe nintzela ez nion kasurik egiten politikari. Vietnameko gerrak politizatu nau, nire herrialdea hainbesteko sarraskiak burutzeko gai izateak. Behin politikoki aktibo bihurturik, han-hemenkako jende miresgarria ezagutu dut, bizitzan zer borrokatua izatea zarenari zentzua ematen dion altxor handi bat dela ohartu naiz, eta zorionez edo zoritxarrez, beti kausitu dut zeren alde borrokatua. Egun, badakit zer dagoen nire esku, badakit jakintza eta ezagutzaren artisau bat naizela, gauza konplexuak sinpleki esplikatzea dela nire ardura. Gainontzean, mundu guztia bezalakoa naiz, seme-alabak ditut, bilobak... Garai onean sortu, garai onean bizi eta okerrena ezagutu gabe hilko naiz, okerrena ekiditeko egin nezakeena eginik. | news |
argia-4f3df3490d8d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/cup-amildegiaren-ertzean.html | CUP, amildegiaren ertzean | Xabier Letona | 2015-11-15 | CUP, amildegiaren ertzean
KOHERENTZIA, pragmatismoa eta erratzeko eskubidearen erpinen artean dabil CUP egunotan, bere ohiko udal esparruetatik askoz harago, Artur Mas eta Generalitateko lehendakaritzaren zurrunbiloan barrena, gero eta indartsuago, gero eta estuago. Ia hilabete eta erdi joan da Kataluniako hauteskundeak egin zirenetik eta bi eskas geratzen dira hauteskunde berriak deitzeko epe amaierarako, urtarrilaren 10erako JxSí eta CUPen arteko akordiorik ez bada hauteskunde berriak egingo baitira, inongo independentistak nahi ez duen egoera.
Inork inoiz hain urruti iritsiko zela irudikatuko ez zuen CDC dago hari muturraren beste aldean. Gaitza dirudi orain prozesuan atzera egitea, baina oraindik ez da jokaldiaren alde gogorrena hasi, beraz, dena gerta liteke. CDCn ez da falta hori nahiko lukeen sektorerik, Mas urrutiegi joan dela iritziz, jira noiz gauza daitekeen zain. Ondo letorkioke, beraz, Mas ez hautatzea eta honek hauteskunde berriak deitzea. Kontua da CDCren indar harremanak nola dauden, eta CUPen erabakiak nola lagundu dezakeen sektore independentistena prozesuarekin aurrera jarraitzera.
Bide horretan oraingoz CUPek asmatu du, astelehenean Kataluniako Parlamentua adierazpen independentista eta desobedientziaren bidean jarriz, printzipioz aurreikusi gabe zegoena. JxSí lehen unetik adierazpenetatik harago eramatea bilatu du eta prozesuan aurrera egiteko tresna garrantzitsuena konfrontazio demokratikoa izatea behartu du, Madrilekiko tentsiotik eta honen jarrera ez demokratikotik independentzia elikatuko delakoan. Errealista oso, alde bakarreko independentzia aldarrikapenak (DIU) oraindik lekurik ez duela adieraztea bezain errealista. Independentismoaren barruko indar harremanak kontuan hartuta –335.000 boto CUPek eta 1.600.000 JxSík–, apustu ausarta, baina ondo atera zaiona.
EZ DAGO hain argi bigarren apustua nola aterako zaion, batez ere Mas ez hautatzearena muturrera eramaten badu. CDC bere horretan mantenduko balitz, badirudi logikoena Mas hautatzea litzatekeela, Mas Generalitateko lehendakaria izatea –ez ahaztu, bakarrik 18 hilabeterako– hauteskunde berriak deitzea baino kalte txikiagoa litzatekeelako. Egoera horretarako, hala ere, ia bi hilabete falta dira oraindik, eta CUPek aurretik presio itzelak jasan beharko ditu, eta bitxia bada ere, oraingoan Madrildik baino katalan independentismoaren aldetik. ANCk iragarri du jada, CUP eta JxSí akordioetara iristen ez badira, mobilizazioak iragarriko dituela bi aldeak presionatzeko. Ez da gaitza irudikatzen presio handiena CUPek jasoko lukeela.
CUP ez da txantxetan ibiltzen eta koherentzia bere ikur nagusietakotzat jotzen du. Hirukoteak arrakasta izan arren, adibidez, Isabel Vallet, Quim Arrufat eta David Fernandez parlamentari ohiak ordezkatu egin ditu. Kontua, azken finean, zera da: ea Masen gaia presio estrategia gisa erabiltzen ari den edo amaieraraino eramango duen. Hemen amaieraraino eramatearen kontraesanak: independentismoaren barne egoeran ez duela hainbeste behartzeko indar harremanik; zilegitasun demokratikoa –345 / 1.600–; independentziaren ikuspegi interklasista ahultzea; prozesua ez pertsonalizatzea dio, baina ez ote da CUP bera ere Masengan horrenbeste zentratuz prozesua pertsonalizatzen ari? Masen auzi hau presio estrategia gisa erabiltzen ari bada, akaso lortu du lortu beharrekoa, eta ordua ote da pragmatismoari bide emateko?
Baina gerta liteke horretan ere asmatzea, azkenean CDCk amore ematea eta Mas fase honetan sakrifikatzea. Konfrontazio demokratikorako CDCk duen borondatearen egiazko termometroa litzateke CUPen presio hau, baina akaso arriskutsuegia prozesurako. CDCren siglak dagoeneko iragana dira ia eta jadanik alderdia bera aurpegi aldaketa prestatzen ari da. Lehen urrats gisa, Espainiako hauteskunde orokorretarako Demokrazia eta Askatasuna hautagaitza aurkeztuko duela iragarri du La Vanguardia k. Eta, besteren artean, CDC Neus Monté Generalitateko jarduneko lehendakariordea ere prestatzen ari omen da lehen lerroetan jartzeko.
Ausartak koldarrak baino gehiago erratzen dira, baina mundua haiek aldatzen dute; hilerriak ausartez beteak direla ere egia da. Non ote zuhurtziaren oreka? Laster ikusiko dugu. Edo ez. | news |
argia-92b2a2889a36 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/nazio-forala.html | Nazio forala | ARGIA | 2015-11-15 | Nazio forala
Ezetz ba, Iñigo Urkulluk ez duela alde bakarreko prozesuetan sinesten. Hori katalanentzat. Lehendakariak bi aldetako prozesuak defendatzen ditu, Moncloarekin elkarrizketa eta otordua bukatzean papurrak txukun-txukun tuperrean bilduta txintxo demonio buelta Sabin Etxera. Astelehenean Euskadi Irratian esan du "guk beste herri zentzu bat" dugula: "Kontzertu ekonomikoa dugu". Ez genuen ezagutzen lehendakariaren musika zaletasun hori. Baina, pentsatzen jarrita, egia da dezente kantatzen ari dela Kataluniari buruz hitz egiten duen aldiro. | news |
argia-595bc4d9fa23 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/intxaurrak-bost-hitzak-hamabost.html | Intxaurrak bost, hitzak hamabost | Jakoba Errekondo | 2015-11-15 | Intxaurrak bost, hitzak hamabost
Aurten urte oparoa izan da, oro har. Lurra lantzen dutenentzat bezala, irakurtzen ari zaren ARGIA aldizkari honetan ari garenontzat ere. Fruitu ugari eman du; baita lurrak ere. Kolko-sagar, hur eta besteren artean, intxaurrik ez da falta gure ganbaretan. "Intxaur urte, elur urte". "Intxaur urte, arto urte", urtea poliki dator bai, datorrenez, artoan ere. Bele saldoa gozo dabil bestetxeko atariko artasoroan, ale heldu berriei mokoka.
ARGIA berri hau egin denetik ez oso urruti bizi naizen etxeko atari aurrean badira intxaurrondoak, jende askoren etxe ondoetan bezala. Ez du, ordea, lagun on fama, inondik ere auzolagun txarra, nonbait: "Intxaurra, etxe ondoan txarra". Intxaurrondoak taktika eraginkorra du lurreko jakiak urrituko lizkiokeen landare konpetentzia eragozteko: berde dituen atal guztietan lika pozoitsu berezi bat jariatzen du, eta euria edo ihintza denero hura lurrera. Ondorioz intxaurrondopea libre. "Intxaurraren azpian lo egitea txarra" eta "intxaur arbolak ez du lagunik nahi" ere esaten da.
Intxaur alea biltzen duen zokotena ere berdea da; esaeratik esaerara, "intxaur zokolina janez gero, hil". Zokotenak eta eragiten duen orban beltzak badute "lepotarka" izen: intxaur-mozkorra, zokolin, zokotin, zokoton, sokolin, sokoten, sokote, zoketen, mozkotz, moskol, moskolo, moskoron, moskaran, mozkan, moskan, moxkan, sokaran, sokaan, sokan, sokada, sakarin, nato, txakarin, txukaran, txokaran...
Garrantzi handiko fruitua da intxaurra, bestela ez litzateke esaera hauetarako erabiliko: "Zorroan abarrots asko, baina intxaur gutxi", "itzaur guti eta arroitu anitz" edo "intxaurrak baino hotsak handiago". Beste aldaera hau ikasi genuen guk ikastolan: "Intxaurrak bost, hotsak hamabost".
Eta hamabost izen baino gehiago du, bai, aleak berak ere: intxaur, eltzaur, eltxaur, intxaus, unsaur, untxaur, giltzaur, giltzagur, intzaur, inzaur, insaur, entzagur, entzuur, etsagur, etzagur, etsabur, etxagur, etxaur, etxabur, exabur, etzaur, intxoor, intxor, intxur, intsaur, intzagur, intzagor, intzaor, itxaur, itzagur, itzaur, itzigur, inttur, heltzaur, heltzur...
Baina, "hiru edo lau intxaur nahiko". | news |
argia-8f2f0f76ece7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/bidegorri-zoologikoa.html | Bidegorri Zoo(logikoa?) | Joxerra Garzia | 2015-11-15 | Bidegorri Zoo(logikoa?)
Tximu jendearen eta giza jendearen artean alde baino antzekotasun gehiago dagoela aldarrikatzeko, primateen sentiberatasuna, barre zein irribarre egiteko gaitasuna eta are euren artean hizkuntza gisako komunikazio sistema eratzeko gauza direla frogatzen ahalegintzen dira ikerlariak.
Askoz ikerketa gutxiago egin da alderantzizko bidetik, eta zinez harrigarria iruditzen zait hori, tximu jendea eta gu funtsean berdinak garela berdin-berdin frogatu baitaiteke aurrekoz atzera ere, hots, ez primateek giza ezaugarriak dituztela erakutsiz, baizik eta gizakiok tximu ezaugarri mordoa dugula egiaztatuz.
Jai egun eguzkitsu batean, Donostiako bidegorririk erabilienean barrena bizikletaz nindoala, izan nuen tximu kontu hauetara eraman nauen agerkundea: bat-batean, zoologiko zooro (zoo-oro) ez batere logiko baten traza hartu nion bidegorriko ikuskizunari.
Orain debekatu egin nahi omen diete oinezkoei bidegorrian ibiltzea, bidegorriak bizikleta eta patinentzat soilik direla argudiatuz. Ni neu, bizikletaz moldatzen naiz ia beti Donostian, eta zerbait esan nahi nuke horretaz.
Hasteko, argi eta garbi aldarrikatu nahi dut asko direla bidegorrian oinezkoek baino enbarazu handiagoa egiten duten espezieak. Patinak eurak, esaterako, aurrera egingo badute bidean ezker-eskuin eroan ibili behar izaten baitute, paretik datorren txirrindulariari izua eraginez.
Patinen aldean, izugarri zuzen ibiltzen baitira patineteak, baina horiek ere badute beren alde txarra: bidegorrian brausta!, sartu eta irteten dira, eta geratu ere gutxien uste denean geratzen dira, seko.
Bidegorriko espezie batzuek talde izaera nabarmena dute, tropelkoiak dira oso. Ama aitzindari eta aita azken putz jarrita, bien artean bi, hiru edo lau ume hor joaten dira: batzuk bizikletaz ikasi berri, eta bakarren bat, hain oker ere, orduantxe ikasten ari...
Zoologiko metaforikoak eta hitzez hitzezkoak bat egiten duten espeziea, bizikletan doazela uhalean lotuta zakurra daramatena da. Jakina, zakurrik esanekoenak ere, bera doan bideaz bestaldean beste zakur baten usaina hartzen badu, hara joko du derrepente, jabeari baimenik eskatu gabe (trafiko arauak ez dira zakur-eskoletan lantzen, oraingoz bederen, etorriko da-eta hori ere).
Kostaldeko bidegorrietan ohikoa den beste espezie bat: bizikletari esku bakar batez heldu eta libre geratzen den besapean surf taula hartuta ibiltzen direnena. Beste batzuk, berriz, hor ibiltzen dira, ziztu bizian, eskuko telefonoari begira, zigarroa erretzen edo Kontxako marko paregabea ederretsiz.
Kontuan hartu hemen banaka aipatu ditugun bidegorriko espezien artean nahasketak gertatzen direla maiz: ume-karabanaren aitzindari doan ama joan daiteke aldi berean zigarroa erretzen eta telefonoz hitz egiten. Era berean, gerta liteke zakurra uhalean lotuta daraman txirrindulariak surf taula luzea eramatea besapean...
Nik neuk, goiz eguzkitsuetan nahiago izaten dut errepidean ibili, bidegorrian baino. Bizikleta biziki maite dut, baina are bizikiago bizia.
Korrikalari eta oinezkoei dagokienez, niregatik libre lukete bidegorrian ibiltzea. Hori bai: egin dezatela kontu mantso doan ibilgailuak direla, baina ibilgailu azken batean. Hots, ibiltzekotan eskuinetik ibil daitezela beti, gainerako auto-mobilok bezala: tropelik osatu eta bidea oztopatu gabe.
Ez dakit tximu jendearen artean bidegorririk ba ote dagoen. Baina, izatekotan, ziur nago ez dela han sortuko gureetan hainbat istilu eta arazoorik. | news |
argia-5f7d5f9b6b09 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/baskismoa-eta-ezkerra-nafarroako-erriberan.html | Baskismoa eta ezkerra Nafarroako Erriberan | Xabier Letona | 2015-11-15 | Baskismoa eta ezkerra Nafarroako Erriberan
Milagros Rubio (Tutera, 1952) eta Josemari Esparza (Tafalla, 1951) Nafarroako ezkerraren bi erreferente ezagun dira. Ager Vasconumeko borroketan sarri elkarren ondoan ibilitakoak. Eta urrunduak ere bai. Aldaketak gerturatu ditu orain, sikiera elkarrizketa honetara. Batzarrekoa da Rubio eta zinegotzia izan da Tuteran 1979tik 2015era arte; Esparza editorea da, haien sorreratik Txalaparta argitaletxeari eta Altaffaylla Kultur Taldeari lotua.
Joxemari, iaz Erriberari buruzko bi artikulu esanguratsu idatzi zenituen. Horietako batek honako titulua zuen: "¿Zer egingo dugu gure Ager Vasconumarekin?". Galdera zuentzat da orain.
JOSEMARI ESPARZA. Historian zehar, bat datoz euskal kutsua Erriberatik urruntzea eta eskuinaren garaipena. Errepublikanismo federala, Gamazadaren leherketa, Euskal Estatutua, Fronte Popularra, frankismoaren aurkako borroka, edota nuklearraren aurkako mugimendua errealitate politiko handiago baten parte izatearen ikuspegitik egin ziren: Eusko-nafar Herria, Euskaria, Euskal Herria.
Beraz, zer egin? Erribera den bezalakoa onartu eta toki eroso bat utzi buruan dugun Euskal Herri horretan, bere tradizio eta nafartasunarekin. Eta herrialdearen gainerako lurraldeetatik horretan lagundu behar zaio. Entzun dadila bere erromantzea gure foro politikoetan, Donostian edo Iruñean inork esan gabe haiek paretetan zer jarri behar duten. Apaltasunez pentsatu beharko genuke baskismoa haien neurrira egokitua luketen herritarren hautagaitza zabaletara itzultzea herri hauetan, 1979an bezala.
MILAGROS RUBIO. Abiapuntu oso desberdina dut. Den bezala onartu behar dugu Erribera. Historiako pasarteak oso interesgarriak dira, baina gaur egunean gaude eta garen bezalakoak gara. Hainbat identitate ditugu Erriberan: bat, sakonki nafarra dena, eta horretatik, batzuek badugu bigarren identitate partekatu bat, baskista edo abertzalea izan daitekeena; eta beste batzuk, gehiengoak, espainiarra.
Hori onartzen ez bada, baskismoa geldotu egiten da, atzera egiten du edo marjinatua gelditzen da. Gaur egun Izquierda-Ezkerrak alkatetza du Tuteran, PSN eta Tudela Puederekin. Zergatik? Ezkerreko herritarrek erreferente sozial gisa ikusten gaituztelako, baina baita identitateen arteko erdigunea bilatzen ahalegindu garelako ere. Nik beti hartu dut zinegotzi kargua gaztelaniaz eta euskaraz, eta txistu ugari entzun dut horregatik, baina abertzaletasunari ere ez zitzaion nahikoa iruditzen.
Milagros, zuk nola bereizten dituzu baskismoa eta abertzaletasuna?
M.R. Euskal kultura eta euskararekiko partaidetza sentipen bat da baskismoa, hemen hauek izan ez duten onarpena eta ezagutza bultzatzen duena. Abertzaletasuna harago doa eta gainerako euskal lurraldeekiko batasuna aldarrikatzen du, independentzia… Abertzaletasunak euskal nazionalista izatea esan nahi du, eta ni ez naiz nazionalista. Identitate nagusia nafarra da Erriberan, eta euskal kulturak hori onartu behar du eta ondoren, ahal duen erritmoan aurrera egin, baina beti han dagoen errealitatetik abiatuta, azkarregi abiatu gabe.
J.E. Baina zertarako gaude ezkertiarrak, iraultzaileak? Errealitateak aldatzeko. Ezin dugu ahaztu Erribera guztiz kolonizatua izan dela, Fronte Popularrak irabazi izan balu seguruenik Autonomia Estatutu berarekin geundeke Hegoaldeko lau lurraldeak. Bai, Erribera den bezalakoa da, baina nik aldatzea nahi dut.
M.R. Identitate kontuetan nik ez dut Erribera aldatu nahi, nik nire ekarpentxoa egin dezaket euskal kulturak ere bere tokia izan dezan hemen. Baina ez dezagun eman inork eraso gisa senti dezakeen urratsik, bestela gure gainera lurra botatzen arituko gara eta. Abertzaletasuna oso erradikal aritu da independentzia, jo ta ke eta ETAren jarduera armatuarekin, eta hori giltzarri izan da azken 20 urteetan UPN gobernuan mantentzeko.
J.E. Bere nortasunetik abiatuta, jakina, baina konkistaren garaitik hasi eta 1936ko Fronte Popularreraino, Erriberan eta bere herrietan identitate kontuak eta foralismoa jorratu direnean, Vasconiarekin lotuta izan da. Horrexegatik, nabarrismo espainiarra da Nafarroako foruen eta bere ohituren defendatzaile eskasena. Nabarrismo horrek ez du iraganik Nafarroan, bertako intelektual eta idazle esanguratsuenek –baita Erriberan ere– beti onartu izan dutelako gainerako euskal lurraldeekin zuten lotura: Euskal Herri barruan edo ondoan. Interes politikoengatik erori da hori guztia, errepresioagatik, komunikabideen kontrolarekin, euskal usaina zuen guztiaren jazarpenarekin.
Eta zer egin daiteke egoera hori aldatzeko?
J. E. Kultura orokorra egin behar da, herrialde kultura eta kultura politikoa. Eta ez bakarrik iragana berreskuratzeko, Herrialdearen gainerako lurraldeekin etorkizun hobea eta progresistagoa izango dugulako baizik.
M.R. Iragana hor dago, baina errealitatea gaur egun bizi dena da. Akatsik nabarmenenak azken hamarkadetan egin dira eta abertzaletasunetik etorri dira, ez da jakin izan hemen diren identitate desberdinak errespetatzen. Horrez gain, hor da ETAren jarduna. Eta horrek guztiak, baskista ez zen jende asko baskismoaren aurkako bihurtu du. Kontrakotasun hori gainditzen hasi behar dugu, eta haien identitatearen errespetutik bakarrik irabaziko dugu haien begirunea.
Nola eragin du hitz egiten ari garen guztian ETAren jardunak?
M.R. ETA, Euskadi, euskara, independentzia eta gisakoak dena bat balira bezala saldu ditu UPNk hemen, eta horretan ETAk asko lagundu dio. ETAk eragindako 800 hildako horiek PSNtik haragoko ezkerren arteko elkarlana nabarmen eragotzi dute eta horrek eragin handia izan du baskismoaren garapenean. Hala ere, nahiz eta hemen ez garen hori jorratzen ari, argi utzi nahi dut ETArekiko dudan arbuiorik handiena etikoa dela.
J.E. Abertzaletasunaren akatsik handiena zentralismoa izan da, lehenik Bizkaikoa, gero Gipuzkoakoa eta gaur egun Iruñekoa. Abertzaletasunari –EAJtik eta Geroa Baitik hasi eta Sorturaino – urruti geratzen zaio Ager Vasconuma. Erriberarik ez da zuzendaritza politiko eta liberatuentzat, hauteskundeetan hurbildu eta botoa eskatzeko ez bada. Hori guztia aldatzen ez bada, ezkerrak, abertzaleek eta Nafarroako etorkizunak arazo asko izango dute etorkizunean.
ETAk bere erantzukizuna izango du, baina, azaldutakoagatik, EAJk eta ezker abertzaleak lurralde hau ulertzeko izan duten moldeak askoz eragin handiagoa du. Horrez gain, argitu behar da guztiok ez dugula Milagros Rubiok gaiaz hitz egiteko duen askatasuna. Nik ez dut, Damoklesen ezpata gainean dut. Duela gutxi urtebeteko espetxe zigorra jarri diote pertsona bati Carrero Blanco kritikatzeagatik.
M.R. Bere 800 hildakorekin, hemen urte luzeetan ETA izan da Damoclesen ezpata…
J.E. …800 hildako? Hizkuntza hori espainiar inteligentzia zerbitzuetatik atera da. Batetik, horiek hainbat erakunderen artean banatu behar dira eta gainera, gaur egun demokrata gisa bulego eta aginte postuetan dauden pertsona askok dituzte erantzukizunak horietan. ETA ezin da ulertu frankismoa eta haren errepresiorik gabe.
M.R. Nahi duzun akats guztiekin, baina demokrazia batean gaude. Azken urte luzeetan ETAk berarekiko desberdina zena hil du. Hemen, nire alboan izan ditut mehatxatuak zinegotzi sozialistak, eta haien delitu bakarra udalera tuterarren alde lan egitera etortzea zen…
J.E. …Kontatuko al dizut nik nire inguruan ikusi dudan sufrimenduaz, torturatuez…? Hau ezkerraren gai klasikoa da. Biolentziaren gaia hala laburbiltzen da, askatasuna bilatu izan duen lehen pertsonatik hasita: kontua ez da biolentzia bai ala ez, noiz politikoa eta nola etikoa baino. Chomskyk zioen zapalduen biolentziari terrorismoa deitzen zaiola eta zapaltzaileenari gerra.
Eta 2015eko nafar udaberria heldu zen. Zer gertatu da?
J.E. Hainbat faktore dira: erregimen zaharrarekiko asperraldia, ETAren ondorengo garaia eta herritarren batasunen sorrera. Azken hauek batzuetan EH Bilduren inguruan egituratzen dira, besteetan herritarren hautagaitzen inguruan eta bakarren batean Ezker Batua-Batzarreren inguruan. Herritarren hautagaitzak bide ona dira etorkizunera begira.
M.R. Funtsean ados nago. Azpimarratu nahiko nuke, dena den, Erriberak gainerako Nafarroarekiko beste kolore bat izan duela emaitzetan. Nahastu ez gaitezen diot, homogeneizatu ez dezagun eta hemen ere udaberri hori Nafarroa osoan bezala izan dela pentsa ez dezagun. Hemen PSNren ezkerrera diren posizio ez abertzaleak finkatu dira batez ere.
Aldaketan sakondu eta egungo gobernuak irauteko klabeak non dira?
M.R. Nafarroako Gobernuak egiazki barneratu behar du –Uxue Barkosek esan zuen hitzez– baskismoa ez dela gehiengoa Nafarroan eta, beraz, baskista eta baskista ez direnentzat gobernatu behar du. Eta hau ez da oso garbi ikusten ari.
Zertan oinarritzen zara hori esateko?
M.R. Hartu ditugun lehen neurriek izaera baskista dutelako. Legebiltzarrean egingo den lehen bilkura monografikoa erabaki eskubideaz eztabaidatzeko bada… Keinuak oso garrantzitsuak dira. Azken egunotan, hala ere, neurri sozialak ere ari dira hartzen, adibidez, aborturako eskubidea sare publikoan bideratzea. Gobernuak ongi orekatu beharko ditu identitateen arteko zaintza eta esparru sozialaren garapena.
J.E. Nik esamolde klasikoa erabiliko nuke: oraindik aldatu ezin denaren aurrean, pazientzia; alda daitekeena aldatzeko, ausardia; eta aurreko bien artean bereizten asmatzeko, jakinduria. Eskertzekoa da EH Bildu erakusten ari den jarrera, ez dago gobernuan eta hauteskundeetako bere indarrari begiratzen badiogu, bera da kaltetuena alde horretatik. Hala ere, egin ahalak egin behar ditugu gobernu honi edo antzeko bati beste hamabost urtez eusteko, gutxienez denbora hori beharko baita nabarrismo eskuindarrak Nafarroan utzi duen zikin geruza kentzeko. Adostasun asko ditugu, programa sendoa eta alternatiba badakigu zein den.
M.R. Gobernuan diren ezker nazionalista eta ezker ez nazionalistaren arteko aliantza sendotzea garrantzitsua da. Horretarako lidergo partekatuak behar ditugu –ados nago, Geroa Baik kargu gehiegi hartu du– eta mugimendu sozial eta sindikalek norabide berean bultzatzea. Azken hau gaur egun ez da ematen, eta horretan ahulak gara. Horrez gain, uste dut ezker abertzaleak sakondu beharko lukeela ETArekiko iraganeko ikuspegi autokritikoan.
J.E. Kezkagarria da Gobernu barnean Uxue Barkos erakusten ari den autoritarismo maila bat eta irudia bereganatzeko ahalegina, lidergo partekatuagoa beharko litzateke. Eta autokritikari buruz zera diot: batzuek erabiltzen duten aitzakia besterik ez da. Xantaia politikoa, sasi demokrazia honetan. Egun batean, askatasunez, mintzatu ahal izango gara ETAz eta bestelakoez. Eta nork berea emango du. | news |
argia-90db3011ee95 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/veronica-gehiago-ez.html | Veronica gehiago ez | Juan Mari Arregi | 2015-11-15 | Veronica gehiago ez
Iragan asteburuan hainbat talde solidario Bilbon eta Gasteizen elkartu ziren Veronicaren heriotzagatik haserrea azaltzeko. Veronica neskame aritzen zen, eta sistema bihozgabe eta esplotatzailearen biktima izan da. 28 urteko nikaraguarra –herri hartan 9 urteko alaba zuen– urriaren 13an hil zen Derion, menpekotasun egoeran dagoen pertsona zaintzen zuen etxe berean. Bihotza lehertu zitzaion, ezin izan zituelako 24 orduko lanegunak gehiago jasan. Astean zazpi egunez aritzen zen, deskantsu eta baimenik gabe, ezta sendagilearengana joateko ere. Esklabotza zaharra eta berria da sistema kapitalista honek dakarkiguna,: ez lan eskubiderik, ez ordutegian mugarik, ez gizarte-segurantzarik…
Gure jendartean Veronica asko dago, eta kapitalismoaren baldintzak gainditu ditzaketen arren, haietara makurtzen diren familia asko ere bai. Legeari heltzen diote euren enplegatuei inposaturiko lan baldintzak justifikatzeko. Veronicaren heriotzak zer pentsatua eman beharko lieke sindikatu eta erakundeei. Zein baldintzatan aritzen dira etxean eta zaintza lanetan dabiltzan kolektibo baztertu eta ikusezinak? Egia da sindikatuen aldarrikapenak jadanik lana dutenen baldintzak hobetzera zuzenduta daudela gehienetan. Hori horrela da. Baina, zer eskaintzen diete esplotazio gehien jasaten dutenei? Zer, etxeko lanetan aritzen direnei, edo langabezian daudenei, edo paperik gabeko migratzaileei?
Zenbat Veronica hil behar dira egiatan kolektibo horiekiko konpromisoa har dezaten? Sistema kapitalista krudela bezain hiltzailea da. Baina sindikatuek eta erakundeek badute ahalmenik alternatibak eskaini eta Veronicaren moduko egoerak eragozteko. Borondate politikoa eta sindikala baino ez da behar, eta elkartasuna ere bai. | news |
argia-15f63f53bbfb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/industria-lantegiak-ekaitzaren-ostean.html | Industria lantegiak ekaitzaren ostean | Urko Apaolaza Avila | 2015-11-15 | Industria lantegiak ekaitzaren ostean
Ez da ezer berdin izango, ez gara itzuliko krisiaren aurreko egoerara. Baina nola eutsi dio Euskal Herriko industria sareak enbatari? Nola geratu dira gure herrietako lantegi enblematikoak? Erreportaje honetan, ibilbide eta akabera oso ezberdinak izan dituzten zazpi enpresaren eta haien langileen berri emango dugu.
Astelehen beltzik izan bada euskal ekonomiaren historia hurbilean, hori 2013ko urriaren 21a izan zen: Fagor Etxetresna Elektrikoek ordainketak eten eta langabeziara bidali zituen 1.800 lagun. "Urteko albiste ekonomikorik txarrena" zela esan zuen Eusko Jaurlaritzak. Duela justu bi urte konkurtso-prozesu odoltsu batean murgilduta zegoen Arrasateko kooperatiba historikoa. Orain, CNA holding multinazionalaren esku dago, sozietate anonimo bihurtuta. Hari batetik zintzilik geratu dira hainbaten aurrezkiak eta "birkokatuak" izan ez direnen lanpostuak.
Fagor Etxetresna Elektrikoen kasua ez da ohikoa langabeziaren aurrean erresilientzia handia izan duen kooperatibagintzaren munduan; baina argi erakusten du krisialdiaren eskala norainokoa den. Azken zazpi urteetan, enpresa kapitalista konbentzional ugaritako lantegien ateak itxi dituzte euren nagusiek. Datu bat: Araban industria-enpleguaren %30 suntsitu da 2008tik ona.
Araban multinazionalen ihesa sekulakoa izan da, zenbaitetan diru publikoa poltsikoan dutela jaso dituzte polainak gainera –Daewoo Electronics-en kasuak erakusten duen bezala–. Baina beste toki batzuetan ere eragina izan du joera horrek: Sakanan adibidez, krisiaren hasieran Arfe, Isphording eta Gamesaren itxierek piko itzela ireki zuten. Gipuzkoan berriz, industria autoktonoa izan da kaltetuenetakoa, eta Bizkaian bereziki metalaren sektorea.
70eko hamarkadaren erditik hasitako krisi eta birmoldaketa industrialaren garaian, asko izan ziren kooperatibagintzaren bidea hartu zutenak. Urte horietan Euskal Herriko industria sektoreak enpleguaren %20 galdu zuen, bada Mondragon taldeko kooperatibetan goranzko bidean segi zuen lanak. 80ko hamarkadan lanpostuei eusteko SAL edo lan-elkarte bilakatu ziren sozietate anonimoen kopurua ere handia izan zen, eta langileak enpresaren jabe izatera igaro ziren figura juridiko horren bidez.
Gaurko testuinguruan, ekonomia sozialak –eta gero eta gehiago eraldatzaileak, solidarioak…– oihartzun are handiagoa duenean, enpresa esanguratsuotako langileek irtenbide horiei ekiteko bidea itxita aurkitu dute askotan, eta ekimen txikien aldean, ez dira hainbeste halako prozesuak abiatu dituzten tamaina ertain eta handiko enpresak. Zergatik? Agian zerikusia izan dezake haien zorpetze mailak, atzerriko inbertitzaile edo kapitalarekiko menpekotasunak, edota inoiz izan den krisi konplexuenaren aurrean aurki gaitezkeela.
Nolanahi ere, langileek, modu batera edo bestera formula anitzetara jo dute: batzuk enpresaren jabe egiten saiatu dira, beste batzuek auzitegietan heldu diote paparretik euren arazoari, baina denak aritu dira birikak bota beharrean lanpostuen defentsan. Segidan, haietako batzuen atmosfera-presioa neurtu dugu.
Azkue (Azpeitia): lan-elkartea behetik gora
Aurretik: Altzarigintzako sozietate-anomimoa, 200 langile zituen 2008an.
Ostean: SAL edo lan-elkarte bihurtuta, 80-100 langile aurreikusten dituzte 2016rako.
Azpeitiko Urrestilla auzoan lekutua 70eko hamarkadatik, herri hartako enpresa historiko eta erreferentziala zen Azcue. Higiezinen gorakadak kilikatuta inbertsio eta kontratazio handiak egin zituen 2000ko hamarkada hasierako oparoaldian. Baina 2008an burbuila lehertu zenean problemak izaten lehenengotakoa izan zen, fakturazioa %60 jaisteraino. Lantegiaren itxiera eta berrirekitzea eredutzat dute askok, "behetik gora eginiko kudeaketaren adibide" zela esan zuen konkurtso-administratzaileak. Kaleratze gehienak adostutakoak izan dira, eta enpresa batzordeak beti izan zuen negozio ildoaren zati bat berriz martxan jartzea ortzimugan.
Bi urte, hiru lapurreta eta bi milioi euro geroago, Azkue –oraingoan "k" hizkiz– berriaren inaugurazio festa egin zuten ekainean lan-elkarteko bazkide-langileek; eurak dira enpresaren kapitalaren gehiengoaren nagusi. Urtea bukatu baino lehen 50 lagun ariko dira lanean parketak eta altzariak egiten, eta hasierako defizitari aurre egitea dute erronka nagusi.
Troquenor (Sondika): krisiaren paganoak
Aurretik: Troqueleria del Norte SA, automobilgintza enpresa, 100 langile aritzen ziren.
Ostean: Okupazio ekintza eta kanpaldi luzeen ondoren, itxita dago.
2013ko ekainaren 18an Troquenor lantegiaren hesi aurrean "Troquenor ez itxi!" oihua inoiz baino ozenago entzun zen. Barruan, aldiz, "heriotza isiltasuna" omen zegoen. Egun hartan Ertzaintzak 120 behargin kaleratu zituen pabilioitik, makinen desjabetzea eragozteko birritan itxialdiak egin ondoren: "Gu gara egoera honetako paganoak, tokirik okerrenean gaude" zioen langileetako batek ernegatuta. Hurrengo egunean berriz itzuli ziren, ateak zarratuta aurkitu arren.
Historia luze baten azkenaurreko kapitulua izan zen hura. Troquenorreko estanpagailua 2012ko abenduan gelditu zen betiko, hainbat urtetan Enplegua Erregulatzeko Espedienteak jasan ondoren. Jabeak milioika euroko zorrak zituen –zati handi bat erakunde publikoei zor zien eta beste bat langileei, likidazio fasean soldatarik ez zuelako ordaindu–. Lan-elkartea sortzeko aukera ere aztertu zuten, baina alferrik. Azkenean, Bilboko epaile batek kaleratzeak baimendu zituen, lan erreformak ekarritako gutxieneko kalte-ordainak ezarrita gainera.
Koxka (Iruñea): lehiakide zailak
Aurretik: Atzerriko inbertsio funts baten esku zegoen eta 250 langile zituen.
Ostean: Langileak jabetza eskuratzen saiatu dira, baina azkenean inbertitzaile talde batek erosi du. 2015 amaitzerako 100 lagun aritzea espero dute.
Izozkailuak egiten dituen Koxka enpresaren adibideak erakusten du zenbaitetan norbere lanaren jabe izatea ez dagoela soilik borondatearen esku, batez ere txin-txin hotsa entzuten denean.
Krisiaren hastapenetan Iruñeko Landabengo poligonoan eta Azkoienen –Kobol izenarekin– zituen lantegietako ia 300 lagun kaleratzeko espedientea abiatu zuen orduko zuzendaritzak –ELAk, ESK-k eta LABek jazarpen sindikala salatu zuten–. Epaitegiak atzera bota zuen erabakia, baina ordurako AEBetako arrisku kapital baten menpe zegoen bere etorkizuna. Honek, katamarrua gizendu ostean, zorretan itota utzi zuen enpresa –multinazionalaren ordezkariek lantegiko atzeko atetik ihes egin behar izan zuten, literalki, beharginek inguratuta zeudela ikustean–.
Gero, negozioa berriz martxan jartzeko hautagaiak aurkezteko ordua iritsi zen, eta langileek pausu bat aurrera egin zuten: SAL edo lan-elkartea sortzeko prozesua abiatu zuten 108 kidek. Haien irudikoz enpresa bideragarria baita eta horretarako plana ere egin zuten. Lehiakide gogorrak izan dituzte parean baina: zuzendari-ohi eta eskuarte handiko inbertitzaileez osaturiko taldea. Epaileak bi aukeren arteko "alde ekonomikoari" erreparatu dio eta urriaren erditik Grupo K Refrigeración enpresarentzat produzitzen hasi dira 50 langile inguru.
Laminaciones Arregui (Gasteiz): auzitegietako zeharkaldia
Aurretik: Celsa Atlantic enpresak 352 lagun kaleratu zituen 2012an.
Ostean: Bi urteko auzibidea eta gero erabakia bertan behera utzi zuen epaileak. Egun, langileek kaleratze mehatxuekin jarraitzen dute.
"Laminaciones Arreguikoen (Celsa Atlantic) borrokak erakusten du, konbentzimenduz eta zintzotasunez langileen eskubideen defentsan jarduteak merezi duela". ELA sindikatua harrotasunez mintzo da altzairugintzako Gasteizko lantegian bizi izandakoaz. Lehenagotik makina bat mobilizazio eginak bazeuden ere, 2012an 91 lagun kaleratu zituztenean hasi zen egiazko ezpata-dantza. Greba eta negoziazioen erdian enpresak enbidoa bota zuen: edo baldintzak onartu edo 356 lankideak kalera. Lantaldea zatitzen ere saiatu zen, asanblada ilegalak konbokatuz. 2012ko uztailaren 9a gorriz markatuta izango dute askok. Egun hartan "eskirol" hitzaren esanahi osoa ezagutu zuen hainbatek lantegi atarian arrautza gorringo artean.
Asko izan dira euren egoera salatzeko langileek abiatutako ekimenak, bada Bartzelonarainoko bidea oinez egin zuenik ere, Celsa Atlantic talde katalanaren nagusiekin hitz egiteko. Baina bide luzeena eta emankorrena auzitegietakoa izan da. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eta Espainiako Auzitegi Gorenak bata bestearen atzetik bota dituzte atzera enpresaren erabakiak eta errekurtsoak. Urriaren amaieran, bi urte eta erdiko zeharkaldiaren ostean, Laminaciones Arreguiko beharginak Betoño poligonoko eta Urbinako pabiloietara bueltatu dira lanera, pozik, baina etor daitekeenaren aurrean adi.
Inasa (Irurtzun): hutsune erraldoia
Aurretik: Baikap arrisku-kapital enpresak erosi zuen 2010ean eta aluminio lantegiaren desegite prozesua abiatu zuen.
Ostean: Langileek herri harresiarekin babestu zuten makinaria. Gaur egun itxita dago.
Plastiko eta egurrez egindako txabolatxo batean, hotzari salda beroa hartuz egiten diote aurre Inasako langileek lantegiaren atarian. 2013ko maiatzean gaude, greba eguna. Astebete lehenago "herri harresien" aldaera laborala praktikatu zuten langile eta herritar ugarik, makinak eraman ez zitzaten, baita lortu ere.
2010ean Baikap arrisku kapital enpresak bereganatu zuenetik, Inasa pixkanaka desegiteko prozesua abiatu zuen: soldata jaitsierak lehenik, Rajoyren lan erreforma aplikatzea ondoren, 155 lagunentzako behin betiko enplegua erregulatzeko espedientea… Azkenekoa izan zen makinak internet bidez enkantean jartzea. Langileen aburuz baina, lantegia berriz martxan jartzeko inbertitzaileak bazeuden: "denbora da eskatzen duguna", zioten behin eta berriz. Baina 2013ko abuztuko egun erre batean, urruneko multinazional batek bidalitako hiru trailer sartu ziren pabilioian Guardia Zibilaren laguntzaz, eta makinak zeuden tokian hutsune erraldoia baino ez zuten utzi.
Muebles Salcedo (Viana): kooperatiba salbazio
Aurretik: Altzarigintza enpresak ateak itxi eta 132 lagun kalean utziko zituela iragarri zuen.
Ostean: Langileek kooperatiba sortu dute eta martxan da 50 laguneko bazkide taldearekin.
60ko hamarkada amaieran, Errioxako Torrecilla de Cameros herritik Nafarroako Vianarako bidea hartu zuten 144 familiak, Muebles Salcedok lekualdaketa derrigortuta. Ia mende erdi geroago, haien ondorengo asko enpresaren jabe dira.
2008tik 2012ra bitartean Muebles Salcedok fakturazioa 22 milioitik 3,8 milioira jaitsi zuen. Enpresak kiebra jo zuenean, 49 langilek hartzekodunen konkurtsoan lehiatu eta kooperatiba osatzea erabaki zuten. Ez zen batere erraza izan: nork bere poltsikotik dirua jarri behar izan zuen –langabezia-saria kapitalizatuz–, soldata %20 murriztu eta kobratu gabekoei uko egin zieten, hipotekak eskatu zituzten, kalefakzioa erabili beharrean neoprenozko jakak erabiltzen hasi ziren… Muebles Viana SCCL izatera igaro den enpresa aurrera eramateko, funtsezkoa izan da Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresen laguntza, baita Oinarri finantza erakundearen 700.000 euroko bermea ere.
TS Fundiciones (Zestoa): elkartasunaren giltza
Aurretik: Birmoldaketa plan gogorra abiatu eta likidazio fasean geratu zenean, protesta eta itxialdiak bizkortu ziren.
Ostean: Gonvarri taldeak erosi du, langile-ohiak berriz hartzeko konpromisoak adostuta.
TS Fundiciones-eko langileen pazientzia 2014ko apirilaren 29an amaitu zen: "Atzetik puskatu beharko diagu atea… Sartu barrura ahal den bezala", zioten urduri esterilak eskuan zituztela. Bi eguneko itxialdiarekin lortu zuten ordura arteko borrokaren tonua igo eta Eusko Jaurlaritzaren arreta nolabait bereganatzea.
Zestoako Arroan dagoen Sansinenea poligonoan bi urte lehenago hasi zen TSkoen gurutze-bidea, administrazio kontseilua aldatu zenean. 2014ko hasieran enpresa likidatu eta 156 langile kalean geratuko zirela iragarri zuen zuzendaritzak. Zestoako eta eskualdeko herritarren elkartasunaz, mobilizatzeko gaitasun eta indar handia erakutsi dute TSko langileek. Horren isla dira pabilioian entzerratu zirenean kanpoaldean bildu zen herritar multzo handia, edota epaitegian enpresa ez ixteko eskatuz aurkeztutako 4.000 sinadurak. 2015eko maiatzean Gonvarri taldearen Iraeta Wind filialak irabazi zuen hartzekodunen lehiaketa eta planta berriz martxan jartzeko 5 milioi eurotik gora inbertitzeko konpromisoa hartu zuen. Albiste horrek itxaropena ekarri du Urolara, Azpeitiko Corrugadosen itxiera traumatikoa oraindik ere oso gogoan baitu askok.
"… arnasa estutzen den momentuan / hartzen da lasai arnasa" zihoen bertsolariak TS Fundiciones-en irekiera ospatzeko Zestoako plazan antolatutako ekitaldian. Baina langileek "oinak lurrean" dituztela ere garbi geratu zen: "Jarraitzen dugu ziurgabetasun berarekin, badugu inbertitzaile bat, baina bide luzea dugu egiteko, bide zailena, irekiera fase honetan ez baikara denak sartuko. Familia askorentzat drama bat izango da, langabezia bukatzen ari zaigulako", dio ia 20 urtez TSn lanean jardundako Miguel Romerok. TSko langileen Facebookeko orrialdean, 2015eko urrian idatzitako azken-ohar lakoniko bat irakur daiteke: "Gutako askori paroa oraintxe amaituko zaigu. Ikaragarria, baina hori da errealitatea. Pentsatu behar dugu subsidioa eskatzea…". | news |
argia-b2790f7f2d9b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/odol-berria-urdaibaiko-trainerurako.html | Odol berria Urdaibaiko trainerurako | ARGIA | 2015-11-15 | Odol berria Urdaibaiko trainerurako
Urdaibai Arraun Elkartearen aurkako epaiketa amaitu da –Kontxako badia hiru bider betetzeko adina substantzia txungo aurkitu zizkieten armairuetan–, eta epaia ezagutzea besterik ez da falta. "Ze ostia, ez gara egongo juezaren zain, ez eta arteria ere", deklaratu du klubeko zuzendaritzak, eta Urdaibairen izen ona garbitzeari ekin diote: orain arteko arraunlari guztiak istriborretik behera bota eta curriculum handiko izenak fitxatu dituzte. Datorren denboraldirako posterra ere prest dute dagoeneko. Patroi lanetarako Jose Luis Korta berdaderoari egin diote eskaintza, baina Oriokoak "no!" erantzun die eta beste telefono bat txikitu du. | news |
argia-6aa56207f4b3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/nasa-yuwe-hizkuntza.html | Txikiak murgiltze ereduan, helduak �nasategian� | Amaia Ugalde | 2015-11-15 | Txikiak murgiltze ereduan, helduak �nasategian�
Nasa herrian, nasa yuwe hizkuntza ikasteko lehen eskolak eta nasategiak sortzen dabiltza. Garabide elkartearen bidez, Euskal Herriko hainbat lagun han izan dira. Ilusioz eta lan egiteko gogoz betetako jendea ezagutu dute.
Jatorrizko lurretatik desplazatuta, Kolonbiako Cauca eskualdean, mendialdean, bizi dira nasak. Kolonialismoak eta gatazka armatuak jipoitutako herria da, nasa yuwe hizkuntzak ere kolpe handiak hartu ditu. Transmisioa ia etenda, kalkulatzen dute nasen %20 inguruk dakiela nasa yuwe hizkuntza. Egoerari buelta emateko gogoz, ACIN erakunde indigenaren inguruan hizkuntza biziberritzeko lantaldea sortu zen, eta horretan dabiltza; nasa yuwe ikasteko guneak sortzen, hizkuntza gaur egunera egokitzen, herritarrak kontzientziatzen eta kulturgintzan pausoak ematen.
Nasa herriaren momentu berezia bertatik bertara ezagutu duten euskal herritarrekin izan gara, mahai bueltan. Mikel Mendizabal, Arkaitz Zarraga, Rosa Azkarate eta Rosi Oleaga Kolonbian izan dira Garabide elkartearen bidez. Garabidek hizkuntza lankidetzan dihardu, eta horretan jardun dute lau lagunek: normalizazio planez berba egiten, ikastoletan eta euskaltegietan erabili izan diren metodologiak azaltzen eta Euskal Herrian bizitako erronka, buruko min eta ilusioak partekatzen.
Nasa yuwe hutsezko eskolak
Etxe askotan galdutako hizkuntza ume-umetatik eskolan ikastea garrantzitsua da hizkuntza gutxituen biziberritzean. Viviana Gonzalez nasa yuwe hutsezko eskolaren bultzatzaile nagusietako bat da. ACIN erakunde indigenak komunitateetako 40 sustatzaile izendatu zituen hizkuntza berreskuratzeko, euren artean Viviana Gonzalez. Toribio herrian, hamar bat ikaslerekin egin zuen lehen ikasturtea Luuçx Le'çxkwe eskolak, eta gaur egun 30 inguru dira. Aurten, eskualde bereko San Francisco herrian nasa yuwe hutsezko bigarren eskola zabaldu dute, 50 ikaslerekin.
Hezkuntza komunitateko kideekin izan dira Rosa Azkarate eta Rosi Oleaga irakasle eta guraso legez, Euskal Herrian bizitakoa kontatzen eta formazio tailerrak ematen. Azkaratek azaldu duenez, Haur Hezkuntza planifikatzen dabiltza nasak, eta batez ere txikiekin hitz egiten hasteko tresnak eskatu dituzte: jokoak, abestiak, adibideak… Matematikaren oinarrizko lanketa eta irakurketa-idazketa prozesua ere landu dituzte.
Azkarateren berbetan, "hango gurasoek ikastolak hasi zirenean hemengoek zituzten antzeko ardurak dituzte. Galdetzen dute: 'Umeek nasa yuwe ikasten dutenean, nola lagunduko diegu guk, ez badakigu?' Galdera hori guraso erdaldun askok egin izan du Euskal Herrian". Bestalde, ez da hizkuntza soilik eskola hauek tradizionalengatik bereizten dituena. Metodologia aldetik, nasek zerbait berritzailea egin gura dute: "Ikusten dute Kolonbiako eskoletan erabiltzen diren metodologiak ez direla egokiak, eskola-porrota eragiten dutela,". Horrek ere, behinola ikastoletan sortutako kezka pizten du gurasoengan: 'Beste eskoletan lau urterekin hasten dira irakurtzen, eta gurean zer?'. Zarragaren hitzetan, ikastoletan hasieran antzera gertatzen zen: "Gurasoek sartzen gintuzten guk jakin barik zein eskola motatara gindoazen. Gerora emaitzak oso-oso onak izan dira, eta hori jakitea nasentzat oso lagungarria da".
Helduak, "nasategian"
Nasa herriko hizkuntza sustatzaileek familiekin ere egin dute lan. Etxez etxe joan dira hizkuntzari buruz berba egitera eta transmisioan egon den etenari buruz kontzientzia piztera. Sentsibilizazio lanari esker, heldu ugarik hizkuntza berreskuratzeko pausoa eman du. Aurten helduak alfabetatzeko eta nasa-yuwe-tzeko eskolak ematen hasi dira nasategia n, eta ehun pertsonek eman dute izena.
Arkaitz Zarraga aurten egon da Toribion, nasategia ezagutzen eta euskaltegietako ereduaren berri ematen. Metodologia lantzeaz gain, klasean baliatzeko materiala egiten ere ibili dira. Esaterako, merkatuan elkarrizketak grabatu dituzte, gero nasategian bideoak ikusteko. Merkatua nasa yuwezko elkarrizketa gehien ematen den gunea da. Ilusioz eta ikasteko gogoz sumatu ditu nasategiko ikasleak.
"Gu gabiltza hau egiten"
Momentu garrantzitsu bateko protagonista dira nasa yuwe hizkuntza berreskuratzen dabiltzan nasak, eta horrek eragiten duen ilusioarekin dabiltza lanean. Badute irrati bat, eta astean behin nasa yuwezko programa egiten dute. Izugarrizko audientzia du. Egunero ordubeteko saioa egitea pentsatzen dabiltza. Zarragaren berbetan, "horrela egunero-egunero nasa yuwe etxeetara sartuko dutela diote; txispa bat sortu da eta indarra hartu du".
Euskaldunekin duten harremanak euren ahalduntzean laguntzen duela uste du Mikel Mendizabalek: "Beti jaso dituzte zuriengandik 'gaizki ari zarete, hau horrela egin behar da' lako mezuak". Euskaldunek, ordea, nasen hizkuntza biziberritze prozesua baloratzen dute: "Gurekin ikusten dute ez daudela bakarrik munduan, eta aukera horiek badaudela errealitatean". Etorkizunean, beste herri indigena batzuen eredu ere izan daitezke nasak.
Nasak egiten dabiltzan bidea euskaldunontzako ere garrantzitsua dela uste du Arkaitz Zarragak: "Euren prozesutik asko ikas dezakegu eta gurean egindako akatsak ere ikus ditzakegu". Momentu hau oso inportantea da Zarragaren berbetan: "Esaten diegu, kontziente izan, oso gauza garrantzitsua egiten zabiltzate". Euskal Herrian bertan, bizitako prozesuaren kontzientzia falta dela komentatu du Rosa Azkaratek: "Normalizatu ditugu gauza batzuk, bai, baina gazteei agian ez diegu bidea transmititu. Seguru aski, informazio hori edukiz gero, euskararen erabilera beste modu batekoa izango litzateke". | news |
argia-1c98b08ab3b5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2483/marina-garces-gerrilla-filosofia-baten-alde.html | "Bizitzen ari garen aldaketa interesgarrienetako bat da bizitzaren politizazioa" | Aritz Galarraga | 2015-11-15 | "Bizitzen ari garen aldaketa interesgarrienetako bat da bizitzaren politizazioa"
Irakaskuntza, idazketa, seme-alabak eta pentsamendu praktiko, kritiko eta kolektiboa dira Marina Garcés filosofoaren egiteko nagusiak. Zaragozako Unibertsitatean irakasle, urteak daramatza Bartzelonako aktibismoan, beti ere adi, gizakion arteko derrigorrezko loturak zertan diren. Ez alferrik, gure askatasun pertsonal eta kolektiboa hor jokatzen baita.
Zein dira gaur egunean filosofiak erantzun beharko lituzkeen galderak?
Filosofiak beti galdera berdinak egiten dituela esan ohi da, eta egia da. Baina galdera berdinek gauza diferenteak esan nahi dituzte testuinguruaren arabera. Gaurkoak badu errotik berria den osagairik: hasteko, Europako kontzientzia jada kontzientzia unibertsala ez den mundu batean bizi gara. Eta filosofiak betiko galderak pausatu behar ditu, baina beste batzuekiko harremanean, galdera horiek bestela pentsatu dituztenekiko harremanean. Gero, ez dezagun ahaztu gure garaiko gairik behinena: ez bakarrik mundu global batean, planeta akitu batean ere bizi gara. Hartara, nola bizi, nola pentsatu, nola jardun bezalako galdera sinpleak esperientzia berribilakatzen dira.
Osagai horiek ekarri dute filosofia eztabaida publikoan gehiago sartu izana?
Batera gertatzen ari da, batetik, filosofiaren krisi instituzional bat: akademizazioak ez die gure garaiko desafioei erantzunik ematen, filosofia bere baitan itxi da, merkatuak kanporatu egin du hezkuntza sistematik. Eta, bestetik, filosofiaren edo pentsamenduaren biziberritze sozial bat gertatzen ari da. Bizi dugun zibilizazio krisiak galdera garrantzitsuak bilatzeko ezinegona dakar, denbora-pasa orokorrean ez galtzeko. Filosofiaren eskaera bat dago, inporta duena pentsatzeko beharraren sintoma dena.
Akademia aktibismoarekin uztartzen duzu, hartara.
Filosofia bizitza jardun bat da niretzat: pentsatzen da biziz eta bizitzen da pentsatuz. Filosofia ekintza esperimental bat da halaber, jartzen gaitu garenaren, dakigunaren, pentsatzen dugunaren mugan, eskaintzen dizkigu tresna batzuk bizitza esperimentatzeko. Eta filosofia niretzat konpromiso baten adierazpena ere bada, hodeietan bizi den filosofoaren ideiatik urrun, beti izan da kolektibitatearekin dagoen konpromisoaren adierazpena. Filosofia ez da onanista, jaiotzen da elkarrizketa, interpelazio, topagune gisara. Eta hainbat eremutatik egiten da. Nire kasuan, irakaskuntza, aktibismo eta esperimentaziotik.
Zuk esana: pentsatzen da eta mundua eraldatzen da bazkaria egin bitartean.
Filosofia jasaten ari den asfixia, bizitzarekin kontaktua galtzetik dator. Gure gizartean espazio publiko eta pribatuaren arteko mugak lausotzen joan dira. Tradizio luzea dauka banaketak: hitza bizitza publikoan, gure produkzio, erreprodukzio, lan, ohiko bizitzaren eremuetatik kanpokoa da; eta etxea, aldiz, espazio pribatua, kontzientzia indibidualaren, bizitza pribatuaren eremua. Bizitzen ari garen aldaketa interesgarrienetako bat da bizitzaren politizazioa, bizitzatik pentsatzen ari garela.
Hala sortu dira subjektu berriak, kartografia berriak, gramatika berriak.
Feminismoan gehien eragin duen gauza bat da, ez hainbeste eskubide eta errebindikazio maila batzuk lortu izana, baizik eta aldatu izana subjektu politiko gisa geure burua ulertzeko modua. Lehen lerroan jarri da etxeko pareten barruan baztertua izan dena, zaintza, interdependentzia, zaurgarritasuna, gorputzaren, hitzaren eta pentsamenduaren arteko harremana. Akzio politikoa ez dago instituzioetan soilik, baizik eta bizitzan, hitzaren zentzurik biluzienean.
Diskurtso propioari garrantzia ematen diozu.
Arazoak jartzen dituenak aurkitzen ditu soluzioak. Politika erreaktiboa, protestaren kultura, garrantzitsuak dira. Baina bakarrik erantzuten bazaio botereak egiten duen horri, botereak beti izango du errealitatea sortzeko gaitasuna. Agenda aldaketa ez da programa aldaketa bat, arazo aldaketa baizik. Zein dira gure garaiko arazoak, benetan inporta digutenak. Politika beste gauza batzuk egiten has badaiteke, desplazamendu hori egin beharra dago.
Eta denok konprometituta gaude bizi garen munduarekin.
Munduari begiratzen dion subjektu bat jaso dugu herentzian, esku-hartzea, eraldatzea, iraultza egitea erabakitzen duena. Konpromisoa, beraz, ekintza boluntarioa litzateke, baina beti kanpoan dagoen zerbaitekiko. Gaur horrek ez du zentzurik. Egiten ari garen desplazamenduan, deskubritzen ditugu gure arteko dependentziak, loturak, harremanak, singularra baina era berean plurala den subjektu bat. Belaunaldi berriei gertatu zaie, zergatik konprometitu honekin eta ez beste honekin. Gakoa da deskubritzea elkarri lotuta gaudela, eta ondorioz konprometituta.
Ez gara ezer besteak gabe; baina nola egin bizitza komun hori?
Ezin gara gelditu gertatzen zaigun horri buruz hizketan: hitz egin behar dugu gertatzen zaigun horretatik. Eginez bakarrik lor daitezke munduarekin harreman ez hain birrintzaileak eta justuagoak irekiko dizkiguten hitzak, teoriak, ilusioak. Eta "nola" horrek erantzun asko dituen momentu batean bizi gara. | news |
argia-4a130e77ad74 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/gure-barneko-fauna.html | Gure barneko fauna | Iker Barandiaran | 2017-01-15 | Gure barneko fauna
Euskal Herri osoa eta bakarra irudikatu nahi dugu eta horretan dihardugu, baina ñabardurak egon badaude eta herrialde bakoitzak baditu desberdindu eta bereizten duten ezaugarri batzuk. Horren adibide argia da Bidasoa ibaiaren bestaldetik aspaldidanik etorri zaizkigun bestelako doinuak, Frantzia aldean bor-bor hazi direnak. Zer esanik ez Asterixen lurraldean maisutasunez landutako hip-hop eta rap doinuak, Europan erreferente direnak. Baita klub ilun eta klandestinoetan garatutako elektronika irudimentsu eta dantzagarriena ere. Eta ezin ahaztu Bordele aldean Théâtre Barbey zenaren inguruan jorratutako post-hardcore eta jazzaren arteko jolas instrumental aberatsa. Ipar Euskal Herrian ur-emari horietatik galanki edaten dute, eta hala behin baino gehiagotan sorpresa itzelak eskaini izan dizkigute musika eszenak eta musika zaleok biziki eskertzen ditugunak.
Zoo talde berriak badu aipatutako eragin horietako batzuetatik eta zinez eszenari proposamen desberdin eta musika planteamendu zein mezu gordina eskaintzetik. Gordina da Zoo, gordina eta basatia, gure barneko fauna eta ase-beharrak hein batean eskatzen dituelako: ideario euskalduna, munduaren akabera, gure arbasoen kultura, pastadun betaurrekorik gabeko (post)modernitatea, kristautasun perfidoa eta apokalipsia hein batean batuta.
Beskoitzen sortutako taldearen estreinako lana dugu hau, baina horren kideek Izate, Ikara, Mak, Ak, Islaia eta 430 taldeak izan dituzte ikasleku; eta aurrekoetan ez bezala, oraingoan eskola ordutik kanpo hirukote gisa askatu dira oihanera honako formatuan: baxua, bateria eta ahotsa.
Makaka k onomatopeikoa baxu sarkorrak irekitzen du eta aspaldi Belly Button zein Sabot taldeek eta gerora Sheelac-ek lortutakoaren pareko oinarri astuna erdiesten du, gainetik rapeatuz. Lakastak deituak gehiago du metalaren eta jazzaren arteko jolasetik, betiere gainetik errezitatuz. Kabalak ilunagoa da, raggamuffina ere badu eta Juan Pilik gogoz eta estilo biziz rapeatzen du. Harrak -ek Primus-en pultsua dauka eta erdiko tempoak post-hardcore eta jazzarekin uztartzen ditu. Axeria -k riff berezia du, errepikakorra izan arren zeharo berezia dena, eta ahotsak onomatopeia joko aberatsa eskaintzen du. Baretu da nonbait hiruko piztia eta Zakurrak ederra erditu dute melodia goxoagoa eta rap fina bere gain hartzen dituena, akabera jazzero-tribalarekin. Oreina- k bide luzea egin du oraindaino: misterio kutsua ezin gainetik kendu eta harrotzen eta harrotzen doa distortsiora arte. Azkenik, epilogo gisa, Abereen mendekua , rock epiko ia flamenkotik abiatuta rapeatutako rock gogorraren itsasoan hiltzen dena. | news |
argia-d128878f1d26 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/beltzek-ez-dakite-igerian.html | Beltzek ez dakite igerian | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-01-15 | Beltzek ez dakite igerian
Martinika, 1679. Esklabo-ontzi bat hondoratu zen uhartearen parean, eta esklabo afrikar batek –haren izenik ez da gorde– 60 ordu eman omen zituen igerian lehorrera iritsi arte. 300 urtetik gora beharko zituzten zuriek marka hura ofizialki berdintzeko.
1831n, Tice Davids izeneko Kentuckyko esklaboak Ohio ibaira bota zuen bere burua, ihesi egin nahian. Jabea ontzi baten ibili zen hari segika ibaian behera, esklaboa begien bistatik galdu eta hiltzat jo zuen arte. Baina igerilariak Ripleyra (Ohio) onik iristea lortu zuen.
1884an europar jatorriko kolono batek afrikar bat marraztu zuen igerian. Marrazkian ikus daitekeenez, afrikarra australiar crawl estiloan ari da. Kontua da australiar crawla ia hogei urte geroago "asmatuko" zutela Cavill anai-arreba australiarrek; berez, amerikar indigenek, hala nola yamanek, onek eta tehuelcheek, erabiltzen zuten besokada Salomon uharteetan erabili ohi zuten ostikoarekin egokituta osatu zuten estilo bizkor eta eraginkorra, hasieran Mendebaldean igeri egiteko modu barbaro eta ez-europartzat jo zutena.
Pasadizo horiek guztiak eta beste batzuk bildu zituen Lee Pitts Jr. igeriketa irakasleak 2007an, Black Splash: The History of African-American Swimmers (Zipriztin beltza: igerilari afrikar-amerikarren historia) izenburuko artikuluan. Eta bilduma horretatik zera ondoriozta daiteke: afrikarrak oro har igerilari bikainak zirela, eta beltz-tratulari eta esklabo-jabeek dirua galtzen zutela trebetasun hori dela eta.
Hala, salgai bizidunek uretan ihes egin ez zezaten metodo eraginkorrak jarri zituzten martxan. Esklaboek urari beldurra izan ziezaioten, besteak beste, esklabo managaitzak uretan murgiltzen zituzten ia ito arte, eta uretan bizi ziren kreatura beldurgarriei buruzko istorioak zabaldu zituzten. AEBetan, Sezesio Gerra bukatuta (1861-1865), esklabotza abolitu zuten, baina ordainetan Jim Crow legeak edo segregazio legeak abiarazi zituzten. Eta indarrean egon ziren 1890eko hamarkadatik 1965 arte. Kostaldeko gune turistiko nagusietan sarbidea ukatu zitzaien beltzei eta aurrerago, igerilekuak hedatu zirenean, Whites only (Zuriak baino ez) kartela ipini zieten instalazio horiei ere.
Beltzen eta uraren dibortzio induzitu horri oinarri zientifikoa ematen ahalegindu zenik ere izan zen. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan egindako zenbait ikerketak zioten atleta beltzek oro har zuriek baino gantz gutxiago dutela eta, gantzak flotagarritasuna ematen duenez, beltzak ez direla igeriketarako egokiak.
Zorionez, hipotesi horiek berehala gezurtatu zituzten. Zoritxarrez, ordurako urarekiko beldurra barneratuta eta errotuta zegoen beltzengan; igerian txarrak direla sinetsita zeuden. 2016ko Rioko joko olinpikoetan, Simone Manuelek bi urrezko domina eta beste bi zilarrezko irabazi zituen; banakako proba olinpiko bat irabazi zuen lehen igerilari beltza izan zen. Baina, AEBetako Gaixotasunen Kontrolerako Zentroen sarearen arabera, herrialde horretan urtero itotzen diren bederatzi pertsonatik hiru baino ez dira zuriak, populazioaren %64 inguru izan arren. | news |
argia-9420b26ad10a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/ez-zenuke-asmatuko-europako-bankuak-diru-merkez-nor-saritzen-duen.html | Ez zenuke asmatuko Europako Bankuak diru merkez nor saritzen duen | Pello Zubiria Kamino | 2017-01-15 | Ez zenuke asmatuko Europako Bankuak diru merkez nor saritzen duen
Atzeraldi ekonomikoari aurre egiteko erreminten artean, Europako Banku Zentralak diru berria inprimatuta zorrak erosten ari zaizkie enpresa handiei, aurreko urteetan estatuei eta bankuei berenak arindu ostean. Hilean 60.000 milioi euro arteko erosketekin hasi zena iaztik 80.000 milioitaraino handitu da. Klimaren aldaketaren errudun nagusiak diren korporazio handiak dira dirutza hiper-merke horren onuradunak
Teknikoki " quantitative easing " (QE) deitzen diote ingelesez, hedatze kuantitatiboa alegia, eta da banku zentralek merkatuan diru merkea injektatzeko dauzkaten tresnetako bat. Hitz bitan esanda, zorrak erostea. Gure kasuan, Europako Banku Zentralak (EBZ) diru elektroniko berria sortzen du estatuen bonoak edo konpainia pribatuenak erosiz ekonomia berpizteko asmoz, ustez horrela zorrak arinduta, gobernuek bezala konpainiek gastu berriak egin eta merkatua berotuko dutela. Ekonomia txukun antzean dabilen garaietan erabiltzen ez den erreminta ezohiko hau agintariek lanean jartzen dute gainerako moneta politika estandarrek porrot egin dutenean.
2008an lehertutako krisitik ateratzeko bestelako munizio asko erre ostean, Europan Mario Draghi EBZko lehendakariak 2015eko urtarrilean ekin zion quantitative easing bidez zorren erosketa masiboari, estreina euro-guneko gobernu eta beste erakunde publikoei bonoak erosiz, hilero 60.000 milioi osatu arte. Draghik helburutzat markatu zuen 2016ko iraila bitartean 1,1 bilioi eurotik gora erostea QE bidez, argudiatuz planak iraungo zuela harik eta ekonomiak erakutsi artean benetan hobetzen hasi zela. Nola jakingo den hobekuntza iritsi dela? Omen, inflazioa nabarmen handiagotutakoan.
Baina QEak apenas lortuko zuen ekonomia aski suspertzea, zeren eta 2016ko martxoan Europako Banku Zentralak hilero erosteko zorraren muga jaso egin baitzuen 80.000 milioietaraino, %33ko igoera, erosketen saskia zabalduz korporazio pribatuei, hauek ere izan zezaten diru merkea eskueran.
CEO Europako Korporazioen Behategiak jarraitu du Europako Banku Zentralak egindako erosketen arrastoa, aurkitu arte nortzuk diren onuradunak. "Aurkitu duguna –dio CEOk– benetan da kezkatzeko modukoa, behintzat zuk ere guk bezala pentsatzen baduzu diru publikoa jartzeko leku egokiak ez direla petrolioa, auto fantastikoak, autopistak, xanpaina eta jokoa".
The ECB's 'quantitative easing' funds multinationals and climate change dosierrean CEOk erakutsi duenez, QE sistemarekin Europako Banku Zentralak kreditu oso merkeak eskaintzen dizkie lehendik Europako merkatuaren jabe eginak diren multinazionalei eta klimaren aldaketaren errudunak diren korporazioei, quantitative easing eufemismoz beztituz funtsean multinazionalei Europako agintariek oparitutako diru-laguntza publikoa.
Diru merkea eskuratu duten enpresen oso izen gutxi jakin dira hilabeteotan. EBZk bere erosketen onuradunen nortasun bakartzat kode batzuk ematen dituelako. Gauza bitxia banku publiko batek horrela jokatzea, agintariek ahoa gardentasun eta gobernantzaz betetzen duten garaiotan.
Europako Korporazioen Behatokiak hartu du kodeak deszifratzeko lana, eta hortik azaldu da EBZ funtsean ari dela laguntzen klimaren aldaketa eragiten ari diren multinazional zikin guztiak, petrolio eta gas konpainiak eta auto ekoizleak, inporta gabe zein eskandalutan sartuta daude, hala nola Shell, Repsol, Volkswagen eta BMW.
Petrolioa, gasa, autoak, luxua
Irakurleak ondo egingo du CEOk bere dosierrari PDFan itsatsitako zerrendan begiratuta. Guregandik hurbil, Frantziako korporazio gotorren artean, EBZren mailegu txit bigunak eskuratzeko gai izan dira Orange, Veolia, Bouygues, Suez, Vivendi, EDF, Danone eta urrezko izen handi andana, baita Merci Patron! filmak hain zorrotz larrutu zuen Louis Vouitton-LVMH luxuetan liderra ere. Espainiako konpainien zerrendan ageri dira IBEX 35eko izarrak: Iberdrola, Repsol, Telefonica, Gas Natural, DIA, Enagas, Ferrovial, Mapfre... EBZri bonoak kolokatutako konpainia espainiarren artean %53 gas eta petrolioari lotuak dira.
Europa osoan Banku Zentralak bonoak erosi dizkien konpainien saila ikusirik, CEOk nabarmentzen du batetik azpiegitura handiak ari direla sustatzen, hala nola autopista, abiadura handiko tren eta aireportu berrien eraikuntzak.
Bestetik, dio CEOk, "onuradunen zerrendari erregai fosilen kiratsa dario, petrolio konpainia handienak arreta handiz zaintzen baititu Frankfurtek [EBZren egoitzak]. EBZk gutxienez 11 aldiz erosi dizkio bonoak Shelli, 16 Eni petrolio konpainia italiarrari, 6 aldiz Repsoli, 6 aldiz Austriako OMVri, 7 aldiz Totali".
Klimaren aldaketa erremediatzeaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, energia zikina ustiatzen dutenak saritzen ditu Europako diru merkeak. Salbu eta haize errotak ere eraikitzen dituen Siemens; EBZk lagundutakoen artean energia alternatiboa aipatzen duten bakarrak dira: uranio aberastua ekoizten duen URENCO eta zentral nuklearrak ustiatzen dituen Teollisuuden Voima finlandiarra. Autogintzak ere jasotzen du diru merkea. Alemaniako onuradunen zerrendan nagusi ageri dira Daimler-Mercedes eta BMW (15 bono-erosketa) eta Volkswagen (7). Horiek bezala ageri dira Renault Frantzian edo Fiat eta baita Ferrari bera ere Italian.
Eskandaluetan edo lekuko herritarrekiko borroketan harrapaturik egotea ez da diru publiko merkearen banaketatik at geratzeko motibo. Volkswageni zor andana erosi diote. Berdin Eesti Energia estoniarrari, AEBetan petroliorik zikinena bertako jendeen protesten artean ustiatzen duenari.
Ryanair hegaldi merkeak langileen eskubideak zanpatuz lortzeak famatu egin duena ere zerrendan dago. Klase guztietako armak ekoiztu eta saltzen dituen eta politikarien ustelkeria kasuetan nahasitako Thales bezala. Eta Suez, Veolia eta Vivendi, Frantzian eta munduan uraren pribatizazioan ari direnak. CEOk ez du aipatzen Iberdrolaren Lemoizko zentral nuklearraren eskandalua, menturaz informearen egileak hura ezagutzeko gazteegiak zirelako.
Quantitative easing planekin beren bonoak banku publikoei saldu dizkieten multinazional horiek denek aurrerantzean 31 urteko epea edukiko dute baldintza merketan lortutako dirua itzultzeko. Ikusteko dago, ordea, diru punpatze erraldoiak inoiz eragingo ote duen lanpostuen ugaritzerik euro-zonan. Aditu askok diote multinazionalei emanda baino etekin hobea aterako litzaiokeela horrelako dirutza bati enpresa txiki eta ertainen finantziazioa arinduta, baina EQ bezalako sistemak finantzetako lehen mailan jokatzeko egiturak dauzkaten erraldoien neurrira daude diseinatuak.
"Azkenean –dio CEOk– dirutza handiokin laguntza publikoa ematen zaie klima okerragotzen ari diren korporazioei, hobekuntza nabarmenik ekarri gabe krisiak jipoitzen dituen Europako herritar arruntei". | news |
argia-c285ea1a839a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/maria-gorospe-erdozia-pentsionista.html | "Pentsio sistemaren krisia batik bat emakumeok ari gara nozitzen" | E�aut Agirrebengoa Apaolaza | 2017-01-15 | "Pentsio sistemaren krisia batik bat emakumeok ari gara nozitzen"
Maria Gorospe Erdozia naiz, 69 urteko iruindarra, eta beste pentsionista asko bezala, gorriak ari naiz ikusten. Hilean 600 euro inguruko pentsioa jasotzen dut, eta horrekin, gaur egun, ezin naiteke bizi. Hartara, lan egitera behartuta nago.
Pisua jada ordainduta daukat, baina duela zortzi urte hipoteka bat eskatu behar izan nuen, gainontzeko bizilagunekin batera, eraikinaren erreforma ordaindu ahal izateko. Oraindik mailegua ordaintzen dihardut: 400 euro hilean. Bakarrik bizi naiz, eta dudan pentsioarekin, ia ez zait beste ezertarako dirurik gelditzen. Gainontzekoa etxeko gastuetarako erabiltzen dut; argia, ura eta gasa ordaintzeko, alegia.
Janaria erosi ahal izateko, lan egiten dut. Garbiketa lanetan aritzen naiz astean hiru egunez. Nire adinarekin, hori da aurkitu daitekeen lan bakarra. Penagarria da bizitza osoa beharrean eman, eta orain halako egoera batean egotea. Bere txarrean, ondo ordaintzen didate: hileko 300 euro, astean sei orduz lan egitearen truke. Hori bai, lanaldiak akituta finitzen ditut. Nire adinarekin, indarrak ez daude soberan. Oraindik ahalmena badut lanean aritzeko. Baina artrosi handia daukat, eta nork daki hemendik urte batzuetara nola egongo naizen. Horrez gain, azpimarratzekoa da pentsioa kendu diezadaketela beste diru-iturri bat dudala ikusiz gero. Adibidez, obra egiteagatik subentzio bat eman zidaten eta Gizarte Segurantzakoak kontu eske etorri zitzaizkidan.
Dudan diruarekin, oinarri-oinarrizko premiak baino ezin ditzaket ase. Ezohiko gastuekin, komeriak izaten ditut. Batzuetan, ezin izaten diet aurre egin. Esaterako, eskuin belarritik ez dut ezer ere entzuten, baina aparailua ezin dezaket erosi, sekulako dirutza balio baitu. Momentuz ezkerreko belarritik ondo entzuten dut, baina noizbait, menturaz, erabat gor geldituko naiz.
Inguruko pertsona asko ez bezala, ezin naiteke joan zinemara, kafe bat hartzera, adiskideekin afaltzera… Bizitza soziala izatea zailagoa da. Hainbat elkartetan nago sartuta, eta eskerrak. Pertsona aktiboa naiz, eta ez dut etxean sartuta gelditu nahi. Besteak beste, Sasoia elkartean eta Mayores frente a la crisis kolektiboan nabil. Kontzientzia soziala daukat, eta uste dut beharrezkoa dela pentsiodun gisa ditugun eskubideengatik borrokatzea.
Adindu asko egoera prekarioan gaude, baina Espainiako Gobernuak ezikusiarena egiten du, ez du gure ongizatean pentsatzen. Hilean 1.000 euro baino gutxiago jasotzen ditugu Hego Euskal Herriko pentsiodunen %70 inguruk. Eta horietatik, gehienok 650 eurora iristen ez diren pentsioak ditugu.
Batik bat emakumeok ari gara nozitzen pentsio sistemaren krisia. Asko senitartekoen zaintzaz eta etxeko lanez arduratu izan dira, ez dute kotizatu, eta behin alargun geldituta, pentsioa %60ra jaisten zaie. Gastuek, ordea, bere hartan diraute. Injustizia handia da.
Etorkizuna oso beltz dakusat. Aurreikuspenen arabera, pentsioen poltsa hutsik egon daiteke urte baten buruan. Pentsioak ez lirateke poltsa horren baitan egon behar. Badira beste irtenbide batzuk. Dirua PFEZren bidez jasotzea, adibidez.
Niri dagokidanez, badakit adinean gora egin ahala gauzak gero eta gogorragoak jarriko zaizkidala. Batzuetan pentsatzen dut irtenbide bat izan daitekeela pisua saldu eta zaharren egoitza batera joatea. Baina halako leku batean egoteko, pertsona independenteegia naiz. Egia esan, nahiago dut geroan ez pentsatu. | news |
argia-083eecf6958e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/mugarik-gabeko-medikuen-hazia.html | Mugarik Gabeko Medikuen hazia | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-01-15 | Mugarik Gabeko Medikuen hazia
1967an Biafrak independentzia aldarrikatu zuen eta berehala nigeriar ejertzitoak lurraldea setiatu eta eraso egin zion. Lehorteak ahuldutako biafrarrak goseak hiltzen hasi ziren, bonbetatik bizirik ateraz gero.
Sarraskia Nazioarteko Gurutze Gorriko Batzordearen muturren aurrean gertatzen ari zen eta erakundeko zenbait mediku frantziarrek Gurutze Gorriak egoera salatzeko gehiago egin beharko zukeela uste zuten. Parisera itzulitakoan, prentsan salatu zuten Biafran gertatzen ari zena. Eta, besteak beste, Tonus medikuntza astekariak jaso zuen horren berri. Mediku haiek, Tonus -en erredakzioan hain zuzen, Mugarik Gabeko Medikuak larrialdi brigada sortu zuten 1971n. | news |
argia-731b913850b1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/orbeletan.html | Orbeletan | Jakoba Errekondo | 2017-01-15 | Orbeletan
Orbel kontuak ekarri ditudala paperera eta, irakurle batek hosto ihar horiek landarezaleontzat zein onuragarriak diren aipatu zidan; krixtaua zen, eta "bedeinkazio" bat zirela zioen.
"Orbel" hitza iraingarri, zaharraren eta zimurtuaren pareko erabili izan bada ere, bedeinkazioa denik ez dut aitatuko nik, baina baliagarria bai, bai horixe! Eta, landare artean lana tamainan izaten den sasoi honetan, orbela probetxutan ezartzera bultzatu nahi zaitut.
Orbela jasotzea da lehena; izan zaitez orbel-biltzaile. Ahalik eta garbien; orbel hutsa bilduz gero, hobe, errazago gobernatuko duzu. Ontzietan, zakuetan edo pardel handi batean lopilatuta, nahi duzun eran bildu eta jaso. Orbel-meta ere aitatzen da batean eta bestean, baina nik sekula ikusi gabea dut metan orbela; pilan bai, bazterrera utzitako arrantza sare larriarekin ederki helduta, hostoak haizeari arrantzatuak izan balira bezala... Zutikako bukoia balitz bezala, hesolatxo batzuekin eta alanbre sarearekin itxituratxo bat egitea ere ez da zaila.
Lurra berdin samarra bada, belarra mozteko makinarekin ere bil daiteke hostaila. Gora samarretik jo belarra, eta, harekin nahasian, hostoak bildu. Hosto hutsa ez izanagatik, ez da, Beñat Sarasolak esaten duen bezala, saguzarraren eguerdiko doministikua.
Orbela gauza ugaritarako erabil daiteke. Landareei azpiak egiteko, adibidez. Hostoa dagoen bezala edo nahi bada txikitua, landareen ipurdian jarri; babes eta ongarri izango da. Luarra egiteko ere gai ona da. Nik ezagutzen dudan luarrik onena honela egiten da: orbela eta ukuilutik atera berri den simaurra bata bestearen gainean jarri arrabeteko geruzetan. Tarteka, harrotu, eta heze eutsi. Luartzea laguntzeko, irakindako asun-mindaz busti. Urtebetean luarra dena beste urtebetez utziz gero, humus edo lur beltz ederra izango da. Lur beltz hori egiteko beste era bat: orbel bustia plastikozko poltsa beltz batean sartu, zulo ugari egin arnasa har dezan eta bazterrean utzi urte eta erdi edo bi urte. | news |
argia-1cfc1e007675 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/xxi-mendean-amerikan-egindako-lehen-iraultza-soziala-oaxacakoa-izan-zen.html | "XXI. mendean Amerikan egindako lehen iraultza soziala Oaxacakoa izan zen" | Joanes Etxebarria | 2017-01-15 | "XXI. mendean Amerikan egindako lehen iraultza soziala Oaxacakoa izan zen"
2006an ukan zuen gatazkak abiapuntua, eta hasiera hura izan da, orain artean, gehien mediatizatua. Irakasleek protestak egin zituzten landa eremuetako eskoletako baldintzak hobetzeko. Orduko gobernadoreak, Ulises Ruiz Ortizek, polizia bidali zuen haien kontra eta gatazka handitzea besterik ez zuen lortu. Handik aitzina, APPO (Oaxacako Herrien Asanblada Herrikoia) sortu eta inguruetako mugimendu sozialak eta herritar andana elkartu ziren "komuna librea" deritzon une historikoan.
Gobernuaren ordezkaritzak indargabeturik gelditu ziren hilabete batzuetan eta komuna libre mugimendu herrikoiak bere esku hartu zuen hiriko autoritate figura. Errepresioa bortitza izan zen, eta barrikadetatik iritsi ziren nazioartera gatazkaren irudiak. 2006ko azaroaren 2an, Prebentziozko Polizia Federala hirian sartzen saiatu zen, eta sei bat orduko borrokaren ondotik, poliziak atzera egin zuen. Garaipen hori gogoan bizirik gelditu da, nahiz eta gaur egun egoera oso bestelakoa izan. Irakasleen borrokak segitzen du, Oaxacako plazan egoten baitira kanpamentu pedagogikoan, mobilizazioekin segitzeaz gainera. Baina orain, aldarri nagusia Gobernuak plantan ezarri nahi duen erreforma zabala saihestea da, oinarrizko eskubideak urratuko lituzkeelako.
Elkarrizketari erantzun dioten SNTE hezkuntzako langileen sindikatuko bi kideek ez dute haien izen edo irudirik agertzerik nahi, errepresioaren beldur direlako. Bietatik bat sindikatuaren estatu mailako koordinazio ordezkaria da.
Zer gogoratzen duzue 2006ko gertakarietatik?
Sinbolikoki oso azkar joan zen dena Oaxacako mugimendu herrikoiarentzat, liskar handiak izan ziren eta lortu genuen poliziak atzera egitea. Gertakariak pasa zirenetik hamar urte bete diren honetan, sindikatuak segitzen du justizia eskatzen, baita zigorrak exijitzen ere garai hartako errepresioaren arduradun intelektual eta materialentzat. Ruiz Ortiz gobernadore ohia ere zigortua izan dadin eskatzen dugu, irakasle mugimenduaren kontrako errepresioa agindu baitzuen.
Ordutik hona 28 hildako izan dira eta inor ez da kartzelara joan, eta gobernadore ohiak politika egiten segitzen du. Horregatik segitzen dugu justizia eskatzen.
Garai hartan Oaxaca komuna libre izendatua izan zen.
Gure polizia ere sortu genuen: POMO (Oaxacako Magisteritzaren Polizia). Ez genuen gehiago poliziarik ikusi nahi eta gure poliziak harrapatzen zituen, adibidez, saltegietara sartzen ziren lapurrak. Zentro historikoaren zaintzaz arduratu ginen. Kolonietan [auzoetan] asanbladak egiten ziren eta barrikadak zeuden alde guztietan gobernadorea botatzeko. Ez geneukan alderdiek sortutako gobernuen beharrik, eta mugimendu herrikoiak ordezkatu zituen, nahiz eta emeki-emeki gobernua berriz osatzen joan zen. Gure ustez hura izan zen XXI. mendean Amerikan egindako lehen iraultza soziala. Polizia federala Zócalo plaza nagusian indarrez sartu zen azaroaren 25ean gu handik botatzeko.
Gaur egun zertan zaudete?
Azken istiluak joan den irailaren 15ean gertatu ziren. Aurretik, ekainaren 19an, Nochixtlan hiriko autopistako blokeoa hausterakoan erresistentzia gaitza erakutsi zuten irakasleek eta herritarrek poliziaren parean. Zortzi pertsona hil ziren eta andana bat zauritu. 37 blokeo egin ziren estatuan egun hartan, nazioarteko kamioiak blokeatu asmoz eta gobernuarekin berriz ere negoziazioa hasteko helburuz. Gobernuak blokeoak irekitzea manatu zuen eta errepresio gogorra izan zen.
Argazkia: Jaciel-Baruc
Hasiera batean soldata igotzea zen aldarrikapen nagusia, gaur egun hezkuntza erreformaren kontrako mezuak gailendu dira.
2012ko abenduan Enrique Peña Nieto presidenteak hezkuntza erreforma iragarri zuen. CNTE [Irakasleen Koordinadora Nazionala] segituan hasi zen mobilizazioak antolatzen erreformaren kontra. Mobilizazioak 2013ko otsailaren 26an areagotu ziren, erreformaren dekretua publiko egin zutenean. Plantan ezarri nahi diren neurrietan bereziki arbuiatzen duguna irakasleen ebaluazio mota berri bat da, antzinatasun eskubideak kentzen dizkiguna, besteak beste. Guk nahi duguna formazio ebaluatua da, gu laguntzeko, ez zigortzeko. Haien ideia da ebaluazioak egitea jendea kanporatzeko.
Beste sektore batzuek bat egin dute borroka honekin, herri indigenek adibidez. Haiek dira gehien hunkiak izanen, 30 ikasle beharko baitira talde bat mantendu ahal izateko eta haien komunitateetan eskolak oso txikiak dira. Egia da gure borroka erreformaren kontrakoa bilakatu dela.
Atxiloketak, desagertzeak, hilketak... Mexikoko Gobernua oso bortitza da gatazka sozialetan. Nola egiten diozue aurre errepresioari?
Buruzagi gisara ez dugu beldurrik, lau urtero txandak izaten dira eta buruzagitza aldatzen da. Hemen asanbladak du agintzen, eta sekula zulora erortzen bagara kideek ateratzen gaituzte mobilizazioaren indarraz. Ez gaude betiko.
Eskolara bueltatzea deliberatu zenuten azkenean, joan den maiatzaren 15az geroztik lanuztean zeundetelarik.
Abuztuaren 7an deliberatu genuen klasera itzultzea. Baditugu kideak hemengo [Oaxacako plaza nagusiko] ordezkaritza ziurtatzen dutenak etengabe, baina haurrekin lanean segitzen dugu. Sindikatuko 22. sekzioko kontu korrontea blokeatu zuten agintariek, eta ezin dugu baliatu ezta esku-paperak inprimitzeko ere. Horregatik hemen jendearen borondatea ere beharrezkoa da. Informatzen segitzen dugu halere, ditugun ahal txikiekin.
Zein urrats datoz gero?
2018an lehendakaritza aldaketa etorriko da. Magisteritzak orientazio politikoak eman beharko ditu egoera ekonomikoa, osasunarena zein hezkuntzarena aztertuz, besteak beste. Ez dugu alderdiekin inolako loturarik, baina demokrazia areagotzea nahi dugu. Jendea bultzatu nahi dugu bere botoaz gogoetatzera. Peña Nietok abiatu erreforma orokorra da, eta energia arloan Pemex petrolio enpresa publikoaren erdia kanpoko enpresen esku dago jadanik. Erreforma aurrera doa, eta 2018ko hauteskundeak garrantzitsuak izanen dira geroarentzat. n | news |
argia-1d85a18a3676 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/ezberdina.html | Ezberdina | Xabier Etxaniz Erle | 2017-01-15 | Ezberdina
Aurrekoetan ere aipatu izan dugu euskal letretan haur txikientzako liburuetan eman den garapena urte gutxi batzuetan. Komentatu izan dugu emakumezkoak gero eta pisu handiagoa hartzen ari direla haurrentzako literaturan ere.
Martin hau genuke aipaturiko bi ideia horien isla argia. Album ederra, kontatzen duen ideia ongi asmatu eta egituratua duena, iazko Lazarillo saria eskuratu zuena Espainiako Estatuan aurkeztutako lanen artean, eta aurretik ibilbide handia duten bi egilek sortua.
"Martin nire lagunik onena da. Baina Martin ez da besteak bezalakoa. Edo hori diote besteek". Hitz hauekin ekiten zaio istorio honi; hitz horiekin eta jai baten irudiarekin. Bertan ikusleak ez du jakingo nor den istorio honen narratzailea, ezta nor den Martin. Baina orriek aurrera egin ahala, narratzailearen kontakizunak bere bidea egitean, Martin ezagutzen joango gara; "berezia" dela ikusiko dugu, "ezberdina", kalkulua oker egiten du, baina hilabete osoko menua buruz daki, ukitu gabeko besarkadak maite ditu, eta gauza errepikakorrak ditu gogoko.
Irakurleak laster ikusiko du desberdintasunari eta desberdinen integrazioari buruzko lan baten aurrean gaudela. Martinen eta istorioa kontatzen digun neska narratzailearen arteko harremana ezagutzeaz gain, mutilaren ahuleziak eta abilidadeak ezagutuko ditugu, baita bien artean dagoen kariñoa ere, nahiz eta Martini beste neska bat gustatzen zaion, eta ez istorioa kontatzen diguna.
Esaldi bakar batzuen bidez istorio osoa bideratzen digu Alaine Agirrek. Ilustrazio irudigileen bidez informazio osagarria eskaintzen Maite Gurrutxagak, eta horrela, testuak dioenaren bidez, eta irudiak osatzen duenarekin Martinen istorioa ezagutzen joango gara. Kariñoz, sentimendu eta norbanakoaren balioa indartuz: "Martinek gauza errepikakorrak ditu gogoko. (…) Behin azaldu nion tximeletei ere gustatzen zaiela itxuraz aldatzea. Horrez geroztik, belarritakoekin marrazten ditu tximeletak, baina nik buelta eman orduko, kapela bat ipintzen die gainean". Horixe baita Martin, kapela duen tximeleta. Besteak bezalakoa, tximeleta, baina kapeladuna. Eta ideia hori indartzeko ikusgarria da Maite Gurrutxagaren irudia, dozenaka tximeleta, denak berdinak, neska narratzaileak eginak… eta bat, Martinek jarri dion kapela buruan duela.
Albumaren amaierak sentimendu gazi-gozoak uzten dizkigu, Martin eskola berezi batera joan delako, baina era berean, gozoa Martinen jokaeragatik ere: "Orduan Martin nigana hurbildu astiro-astiro, eta besarkatu egin nau. Benetako besarkada bat izan da". Izan ere, amaierako ideia horixe baita, desberdinak garela, baina denok. "Eta besteek arrazoia dute: ez da, inola ere, besteak bezalakoa". | news |
argia-24f1d045de05 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/enpresetan-lan-molde-berrien-olatua-etorri-da-eta-asko-dago-egiteko.html | "Enpresetan lan molde berrien olatua etorri da eta asko dago egiteko" | Estitxu Eizagirre | 2017-01-15 | "Enpresetan lan molde berrien olatua etorri da eta asko dago egiteko"
Enpresetan berrikuntzak egiteko prozesuak diseinatzen eta gidatzen ditu Manahmanak. "Errazleak" esaten zaio rol horri. Bogan dagoen eremu horretan aitzindariak dira eta era guztietako enpresak dituzte bezero: industriako handietatik zerbitzuetako txikietara. Izen batzuk aipatzearren, Emun, Fagor-Ederlan, .eus, Danone, Mercedes...
Puntako enpresen lan antolaketez ikasteko jo dugu eurengana. Josi Roig Fabregas eta Maialen Oregi Elizburuk erantzun dituzte gure galderak, bere lanak asebetetzen dituenaren pasioz.
Zer bilatzen du enpresa batek Manahmanara jotzen duenean?
Izan daiteke proiektu estrategiko bat egin nahi duela, edo produktu berri bat sortu, edo adibidez, lan sistema berri bat behar duela: enpresa horrek departamentuka lan egiten duelako eta geroz eta gehiago departamentuen arteko proiektuka funtzionatzen delako. Aldaketa hori nola egin jakin behar da, jendea asko saturatu gabe, eta joera egoten delako beti jende bera aukeratzeko gauza berak egiteko. Horizontaltasun handiagoa eta departamentuen arteko elkarrekintza handiagoa ekarriko duten sistemak sortu behar dira. Sistema horietan ez da sailbururik egoten, bestelako rol batzuk agertzen dira. Rol horietatik zein behar diren identifikatu behar da eta rol horiek sortu.
Aipatu duzu enpresetan departamentuen arteko elkarrekintza handiagoa behar dela. Zergatik?
Lan egiteko modua aldatzen doa, merkatuak gauza berriak eskatzen dituelako. Lehen lanpostu bakoitza oso argi zegoen, bazenekien uneoro zer egin behar zenuen. Orain merkatuak behar berriak eskatzen ditu. Gero eta sormen handiagoa behar da eta berrikuntza gehiago. Proiektu, produktu eta zerbitzu berriak sortu behar dira. Behar horiei erantzuteko, lantalde bat sortu behar da erakundearen ikuspegi ezberdinak bilduko dituena: proiektu berri horri ekiteko beharrezkoak izango direlako produkzioko langileak, sail komertzialeko langileak eta administrazioko langileak. Langile bakoitzak erakundearen ikuspegi osoagoa izan behar du, bakoitzak bere lekutik ekarpenak egiteko. Zenbat eta ikuspegi anitzagoak dituen lantalde horrek, orduan eta aberatsagoa izango da emaitza. Izan ere, pentsatzeko modu ezberdina dugu, informazio ezberdinetik abiatzen garelako.
AEBetan bogan dago langileak sekzioz aldatzea, enpresa barruan. Noski, erotzen dira bolada horretan, baina beste lankideen ikuspegia hartzen dute. Euskal Herrian ez gara arrisku horiek hartu zaleak eta ez dugu horrelako ezer egiten, baina pentsatu genezake filosofia hori nola ekarri gurera. Adibidez, egun oso bat pasa dezake langile batek beste sekzioko batekin eta horrela bere lana ikusiko luke.
Enpresak ez al dira gai beren eguneroko lana eraldatzeko prozesuak beraiek lideratzeko?
Enpresetan ezagutza dago. Baina ez gaude ohituak edo zaila egiten zaigu jende askok norabide berean sortzea edo helburu beraren bila jotzea. Denbora oso garestia denez, eraldaketa egiteko modurik azkarrena bilatzen da. Eta modu azkar horrek atzetik prozesuaren diseinu bat behar du, bestela jendea galdu egiten da. Askotan errentagarriago da kanpoko zerbitzu bat kontratatzea, enpresari denbora asko aurreztuko diolako. Beste batzuetan ez da horrela, enpresan jende prestatua egon daiteke eta kanpoko esku-hartzerik ez behar izan. Kasu bakoitzean errentagarritasun kalkulua egin behar da.
Zein dira horrelako sormen prozesu kolektibo baterako gakoak?
Egon behar dutenek egon behar dute. Inor ez faltan eta inor ez soberan. Helburuaren araberakoa da hori eta jakin behar dugu kide bakoitza zergatik eta zertarako dagoen. Norbaitek ez badaki zergatik eta zertarako biltzen garen, ez da beharrezkoa lantalde horretan. Garrantzitsua da denek informazio bera izatea abiapuntuan. Eta batez ere, denek argi izatea zein den helburua edo sortu behar duguna eta zergatik dagoen behar hori. Oinarrizko marko bat sortu behar da, denek ezagutzen dutena.
Ondoren, garrantzitsua da eraikuntza prozesua gidatzen joatea. Asko entzun behar da, denek parte hartu dezatela eragin behar da, nahiz eta denek ez neurri berean egin, bakoitzak bere onena eman dezala, eta tresna ezberdinak eskaini behar dira bakoitzak bere onena atera dezan. Dena ahalik denbora gutxienean eta umorearekin.
Errazleon lanean garrantzitsuena, aurretiazko diseinua da. Prozesuaren %80a da diseinua, eta hor Manahmanako bi kide aritzen gara.
Maialen Oregi eta Josi Roig-ek hartu gaituzte.
Umorez eta zoriontasunez egin behar dela prozesua diozue. Nola?
Horizontaltasuna da gakoetako bat. Prozesu parte-hartzaileetan ez du batek besteak baino gehiago balio. Langile bakoitzaren motxilak hustu behar ditugu eta ikusi zein diren partekatzen ditugun puntuak eta hortik aurrerako bidea egin.
Hainbeste berdintasun eta horizontaltasun... goi karguak zer moduz portatzen dira zuen tailerretan?
Ongi, eurek egon nahi dutelako prozesu horietan. Egoteko baldintza, era horretara egotea da, ez goiko mailan kokatuta. Ikusten badugu eurak egoteak baldintzatzen duela dinamika, gonbidatzen ditugu ateratzera. Bestela ere, prozesuetan badira uneak zuzendaritzarekin biltzen garena.
Bakoitzaren beldurrek nola eragiten dute prozesu hauetan?
Beti egongo dira aldaketekiko erresistentziak. Beti. Berdin dio, jendea oso kontzientziatua badago ere, edo merkatua zerbait eskatzen ari bazaigu ere. Badira bere horretan oso eroso dauden pertsonak. Zorionez, badira, baita ere, erakundea mugiarazteko joera duten pertsonak. Beste batzuek atzean geratzen dira, eta ikusten dutenean berrikuntza horrek funtzionatzen duela, orduan igotzen dira gurdira. Garrantzitsuena ez da hasieratik jende guztia ados egotea, baizik, amaieran emaitzak positiboak direla ikustea eta orduan denak gurdira igotzea. Egia da erakundearen kultura aldatzeko gurditik tiraka ari direnentzat nekagarria dela bidea. Dena ematen dute eta energia asko jartzen dute aldaketa horretan. Baina norbaitek egin behar du, eta ausart horiek dira egiten dutenak.
Hau dena nola uztartzen da prekarietatearekin?
Ez da posible. Gutxieneko baldintzak eta ongizaterako oinarriak behar dira. Langile batek injustizia sentitzen badu bere nominan, ez du inolako ekarpenik egingo, bere kontratuak exijitzen dionaz arago. Ez du zentzurik, etikoki ere. Jendeak erronka baten aurrean bere onena emateko sano egon behar du, pozik, ongi.
Batzuetan ez da lortzen horrelako sormen prozesuetan landu diren emaitzak praktikara eramatea. Zergatik?
Mila faktore egon daitezke. Ohikoenak, agian prozesua ez zutela sortu behar zutenek sortu, edo sortu zutenek ere ez zutela sinesten sortu zuten horretan.
Zuen ikuspegitik, zein dira puntako enpresak?
Aldatzeko prest daudenak. Sumatzen dituzten aldaketetara lasterren egokitzen direnak. Enpresak ongi egon behar du ekonomikoki, eta ongi esatean ez diogu irabazi handiak lortu behar dituenik, ekonomikoki sano egon behar duela baizik. Eta bertako langileek ere ongi egon behar dute. Produktu on bat izan dezala edo zerbitzu on bat eman, eta bezeroak asebeteta eduki.
Ez da beharrezkoa azken teknologia izatea, ez hamaika doktoratu. Enpresaren neurriak ere ez du axola. Merkatuan ongi kokatuta egotea da gakoa. Hori da biziraupena ekarriko diona.
Pertsona batzuek gauza baterako balio dutela eta besteek bestetarako entzuten da maiz. Zuek gaitasunak nola ulertzen dituzue?
Zerikusi handiagoa dute jarrerek gaitasunek baino. Pertsona denak dira baliotsuak. Nik laguntzeko edo egoteko jarrera badaukat, gainerako lankideek nigana joko dute, eta aldiz, aurpegi txarrak jartzeko joera badut edo jarrera itxia, jendeak ez du nigana joko. Horregatik bukatzen du jendeak beti berberengana jotzen.
Ikusarazi egin behar da jarrera bakoitza, sarri ez baititugu ditugun jarrerak ikusten. Ikusi arazi egiten baditugu jarrerak, jendeari zer pentsa ematen diote jarrera bakoitzaren ondorioek eta aldaketak ematen dira. Espazioak eman behar zaizkio jendeari, pentsatzeko, hitz egiteko, partekatzeko...
Aitor Guisasola eta Andrea Goitia, Manahmanako beste bi kideak.
Hamar urte daramazue honetan eta aitzindariak zarete. Ofizio berria da.
Errazleon lana oraindik oso berria da. Merkatuan bogan jartzen ari da baina ez da ongi ezagutzen eta kontzeptuak nahasten dira. Gaur egun, Mondragon Unibertsitatean gradu bat dago baina horren aurretik Tecnaliak eskaintzen zuen formazioa eta gu lehen promozioa izan ginen ikastaro horretan. Team Academy metodologia finlandiarra zerabilen Tecnaliak, lantalde berritzaileak sortzeko. Bederatzi kide izan ginen lehen urtean, eta denen artean sortu genuen Manahmana. Ikasturte horren ondoren, lau lagun gelditu ginen enpresarekin.
Metodologiak ezagutzen genituen eta bere horretan aplikatzen genituen enpresetan baina ohartzen ginen ez zutela erabat ongi funtzionatzen. Orduan ezagutu genuen Sunni Brown: Bilbon ikastaro bat eman zuen prozesuaren diseinuari buruz. Eta jabetu ginen hori zela guk falta genuena, prozesuak guk geuk sortzea eta hor txertatzea metodologia anitzak. Ondoren, pentsamendu bisuala deskubritu genuen.
Egun, Nazioarteko Errazleen Elkarteko (IAF ingelesezko siglak) kide gara. Bere bidez, ezagutza gaurkotzen dugu etengabe. Bai Euskal Herrian eta bai Espainiako Estatuan, IAF-eko kide bakarrak gara.
Zer ematen du bada pentsamendu bisualak?
Euskarri bisualei esker, lantaldeko kide denek norabide berean sortzen dute. Lengoaia bisuala da denok errazen ulertzen duguna. Galdetzen badugu "pentsatu sagar bat", kide bakoitzak era batekoa irudikatuko du. Baina "hau da gure sagarra" marrazten badugu, denok ari gara gauza bera ikusten. Gauza bera gertatzen da proiektuekin. Bakoitzak gauza ezberdin bat badugu buruan, oso zaila da elkarrekin zerbait sortzea. Gainera, sortzen goazen hori irudi batean sintetizatzen eta gauzatzen bada, bilduta geratzen da kontzeptua, ez dugu txosten oso bat behar gauza bera azaltzeko.
Hamar urte hauetan zer joera sumatu dituzue enpresetan?
Aldaketa handia eman da. Gu hasi ginenean erakunde publikoekin egiten genuen lan, horiek zirelako gai honetan interesa zutenak. Pixkanaka sartu ginen enpresen munduan, eta egun ia erabat enpresetan ari gara. Funtzionatzeko modu berrien, lan molde berrien olatua etorri da eta asko dago egiteko. Gauzak beste modu batean egin behar dira, eta enpresa asko ari da bere nortasunaren bila "kultura hau daukat, badakit nora joan nahi dudan, baina nola egingo dut bidea?".
Parte-hartzea ere asko hazi da enpresetan. Eta berrikuntza ulertzeko modua ere aldatu da: lehen liburuetako ideia distiratsuak ziren berrikuntza, eta egun gehiago lotzen da gauzak beste modu batera egitearekin, pixkanaka esperimentatzearekin. Berrikuntzan ere sinestea da gakoa, benetan sinesten duenak bilatuko du egiteko modua.
Gauza batzuek gaizki ere egin dira: esaterako, parte-hartzea manipulatzeko erabili da eta orain buelta dator. Horrekin erre zen jendearekin egiten dugu topo eta gure mezua izaten da: "hori pasa zen eta denok ikasi dugu zerbait, ezta?". Orain lan egiten dugun moduagatik, ez dago manipulaziorik. Dena da gardena, informazio guztia dago denen eskura, argi dago zein den helburua eta bakoitzak zergatik hartzen duen parte. Inork ez du aurretik emaitza ezagutzen, prozesua da denek ezagutzen dutena | news |
argia-407d00b4aded | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/geu-elkartea-etorkizuneko-gasteiz-euskalduna-irudikatzen.html | Geu elkartea etorkizuneko Gasteiz euskalduna irudikatzen | Miel Anjel Elustondo | 2017-01-15 | Geu elkartea etorkizuneko Gasteiz euskalduna irudikatzen
25 urte beteko ditu 2017an Geu elkarteak eta urteurrenaren karietara Zeu zara Geu gogoeta saioak antolatu zituen iragan udazkenean, urriaren 22an eta azaroaren 5ean eta 19an Oihaneder Euskararen Etxean. Hogeitaka lagunek 25 urtean egindako bidea baloratu zuten, baina, oroz gain, etorkizuneko Gasteiz euskalduna irudikatu zuten, eta balizko Gasteiz euskaldun horretan, Geu elkarteak bete beharko lukeen egitekoaren inguruan ere gogoeta egin. Elkarteko bazkideez gain, bertan bizi diren beste hainbat euskaltzaleri ere egin zieten gonbidapena.
Urriaren 22ko saioan, lehenik –eta gisako sarrera, ongietorri eta elkar ezagutzeko dinamiken ondotik–, euskaltzaleen elkarteen funtzioen gainean jardun zuten Euskaltzaleen Topaguneko kide Iñaki Telleriak eta Iker Martinez de Lagosek. Horretarako, bi ikuspuntu hartu zituzten aintzakotzat: lehena, hizkuntzaren egoera aztertzeko erabiltzen ditugun hiru dimentsioak genituzke –hots, hiztuna, hizkuntza komunitatea eta lurraldea–; aldiz, bigarren ikuspuntua litzateke euskaltzaleen elkarteen egitekoari dagokiona: egin, eragin edo izan.
Saioan egindako lehen ariketak "10 urte barruko Gasteiz euskalduna" izan zuen aztergai, eta horixe bera erabili zuten lehen galdera, hau da, etorkizuneko Gasteiz euskaldun horren nolakoa. Partaideek, xede hori buruan, datozen urteetarako lehentasunak markatzera jo zuten, ideia zaparrada handia jaso eta gero. Aipatu lehentasunen artean dira ondokoak: inflexio puntuaren beharra, aldaketa positiboa gerta dadin; helburu estrategikoak eta egingarriak, egunerokoak, banatu; euskaldunen aktibazioa landu; pedagogia soziala erabili; soziolinguistikatik ez ezik, psikolinguistikatik ere edan; makrotik mikrora igaro; transmisioa sentsibilizaziotik eragin, hizkuntzaren funtzio praktikoak, berriz, behar sozialetik; erreferentzialtasun espazioak irabazi, sortzaileak erakarriz; eskolan eragin, D eredurantz joz; etorkinak gurera ekarri; Gasteizko auzoak kontuan hartu; eragileen arteko elkarlana sustatu; euskalgintzaren baitan gogoeta bultzatu, haren estrategiak landu…
Bigarren saioan, lehenengoan seinalatutako lehentasunak berreskuratu eta ekintzak proposatzeari ekin zioten, ondoko urteetan ekintza bateria izateko helburu, hiru xederen inguruan. Lehena litzateke komunitatearen eta norbanakoen aktibazioa, eta sentsibilizazioa. Euskal Herrian hedatzen ari diren hiztunen ahalduntze ariketa kolektiboen gisakoa proposatu zuten Gasteizen. Eredu hartu zituzten Aguraingo 75 ordu euskaraz , Donostiako Egiako Euskaraz bizi , Lasarte-Oriako 40 egunetako erronka, Hernaniko Euskara ari du ... Gasteizen gisako ariketarik gauzatzekotan, zenbait auzotan esperientzia pilotuak egitea, edo Gasteiz osoan egitea eztabaidatu zuten partaideek.
Erreferentzialtasuna litzateke bigarren xedea, eta, horri denaz bezainbatean, Gasteizen euskararen eta euskaldunon komunitatearen ikuspegi globala lantzea eta komunikazio plana egitea proposatu zen. Horrek, nahitaez, Geu-ren marka indartzea lekarke, Geu euskararen gainean ahots kualifikatu bihurtzea, eta hedabideentzat ere erreferente izatea lortzea.
Xedeotan hirugarrena erakunde eta eragileetan eragitea litzateke, eta horretarako, erakunde publiko diren Gasteizko Udalarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin konfiantzazko eremuak sortzea onetsi zuten. Orobat, Gasteizko euskalgintza egituratzea.
Argazkia: Geu elkartea.
Azkenik, laugarren xedea, haur eta gazteen artean euskararen erabilerari eragitea lukete. Horretarako, esan zutenez, euskarak prestigioa irabaztea da lehentasunezko eginkizuna, "lerro estrategikoa". Bi egitasmo zehatz ere proposatu zituzten gogoetara bildutako partaideek, "Kuadrilategi" moduko proiektuak, eta aisialdi taldea sortzea Geu elkartearen baitako.
Azaroaren 19ko saioan –hirugarrena eta azkena–, Geu elkartearen interes taldeak identifikatu zituzten bertara bilduek, hau da, Gasteizko euskaltzale eta Geu elkartearentzat lehentasunezkoak diren interes taldeak, dela Geu-ren ekintzen eta estrategien helburu direlako, dela Geu-rentzat aliatu eta laguntzaile direlako. Horrekin batera, interes taldeok kontuan hartu eta ekintzetan sakondu zuten. Aktibazioan eta haurren nahiz gazteen erabilera lantzeko taldeetan proposatutako ekintzak zehaztu zituzten, eta horrekin batera, erreferentzialtasuna lantze aldera komunikazio-helburuei edukia eman zieten.
Ondorioak, zain
Gogoeta prozesua buruturik ere, Geu elkartea ez da oraindik ondorioak baloratzeko asmotan. Dinamizatzaile taldeko Gidor Bilbaok esan digunez, "nahita utzi dugu denboratxo bat, jasotakoari perspektiba zabalagoarekin begiratzeko". Alabaina, datozen urteetarako lehentasunak aurreratzeko moduan izan dugu Bilbao EHUko irakaslea: "Erakunde eta bestelakoetan eragitea; elkartearen erreferentzialtasuna lortzea; haur eta gazteen erabileran eragitea; eta, azkenik, komunitatearen eta norbanakoen sentsibilizazioa eta aktibazioa lortzea". Bestalde, jakin dugunez, ildo horietarako egitasmo zehatzak ere proposatu dira.
Gasteizen egin den gogoeta Arabako beste eskualdeetara zabal litekeen galdeturik, Gidor Bilbaok ez du zalantzarik: "Metodologiak eta dinamikak balio dute –beste zenbait lekutakoak balio izan digu guri–, baina gogoeta ezin daiteke partekatu; ondorio beretsuetara iristeko balitz ere, komunitate bakoitzak bere gogoeta egin behar du". Nork bere lana, eta gogoeta, du eginkizun. | news |
argia-3baac48f5efe | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/deboila.html | Deboila | Itxaro Borda | 2017-01-15 | Deboila
Luhusoko atxiloketek gauza bat erakusten dute: ETAren akabantza iragarriak saihets kalteak jasanarazten dizkio kazetariek aipatzen duten gizarte zibilari –hemen garrantzi handiagoa lukeen gizarte militar bat bailitzan!–. Iparraldeko bost VIP-ek dute berrikitan Pariserako joan-etorri poliziala egin, ez nornahik alabaina, gu guztion ondrako erakunde klandestinoaren armagabetze prozesuan lagundu nahi zutelako soilik.
Eta euskal mundua, gizon bakar, bildu da beste behin Baionako edo Garaziko karriketan destinoaren garratza salatzeko eta bat-bederak bere gain hartuko zuela, bakearen izenean, desarmearen ardura zatia aldarrikatzeko. Deboilaren minean, nehork ez zuen ETAk euskaldungoari inposatu biktimismo sistematiko hori zalantzan jarri: urte berri on hargatik!
Amets bat daukat, aurten ETAk plazaratuko duela bere ekina arras bukatua dela dioen agiria, borroka horrek ez duela ezertarako balio izan aitortuko digula eta aurpegiak agerian, euskaldun arruntak, abertzaleak izanagatik, inplikatu gabe, armak entregatuko dizkiola berak hautatzen duen solaskideari, izan frantses, espainol edo euskal gobernua.
Barkamendu eskatzea halatan ez liteke hain beharrezkoa. | news |
argia-d45ef4dc1423 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/arkitektura-pedagogikoa.html | Utikan hormak ikasgeletatik | Mikel Garcia Idiakez | 2017-01-15 | Utikan hormak ikasgeletatik
Ikasgela itxien ordez paretarik gabeko espazio irekiak bagenitu? Ikasmahai deserosoen ordez, aulki mugikorrak eta sofak? Giro hermetikoaren partez, kanpoko argia? Helburu hezitzaileek bultzatuta, gero eta ikastetxe gehiago ari dira arkitektonikoki eraldatzen. Maria Acaso irakasleak garbi du: ospitaleen antz gutxiago eta kafetegien antz handiagoa behar du eskolak.
Sartu eta berehala, benetako zuhaitzak ikusi ditugu ikastetxe barruan, eta ume bat adar gorenean. Ez al da eroriko? Gure kezka. Orain arte ez dutela ezbeharrik izan, haur bakoitzak neurtzen dituela bere ahalmen eta arriskuak eta goraino iritsi ezin daitekeenak ez duela goraino egingo, Izaskun Aranbarri irakasleak erantzun diguna. 0-6 urte arteko 150 ume eta hamar bat irakasle hartzen dituen Uribarri eraikinean gaude (Arizmendi ikastola, Arrasate). Bi solairu ditu eta espazioka dago antolatuta, baina espazio hauek ez dira gune isolatuak, eremu irekiak baizik, paretarik gabeak, ludikoak eta koloretsuak. Txoko ugari ikusi ditugu: eskulanak egiteko, material ezberdinekin esperimentatzeko, proiektuka aritzeko, jolasteko… eta lasai egoteko txokoa ere aurkitu dugu espazio guztietan, gortina gardenez babestua; barruan koltxonetak, kuxinak, liburuak, musika lasaia, proiektorea… "Haserre daudenean ere, hara joan ohi dira baretzera", kontatu digu Aranbarrik.
Egiturek eta altzariek zailtasun maila ezberdinak dituzte, ikaslea bera joango baita probatzen, salto egiteko, igotzeko edo jaisteko duen abildadearen arabera. Areago, 0-2 urte artean daudenek arkitektonikoki egiten dute trantsizioa, nolabait: aldapatxoak banantzen ditu espazio lasaiagoa eta espazio konplexuagoa, eta aldapa igotzeko gai direnean, prest daude bigarren gunera joateko. Lasaitasuna bilatzen duen haurrak beheranzko bidea ere egin dezake. Labirintoak eta batik bat zuloak atzeman daitezke egitura asko eta askotan, espazio intimoak eskaintzeko asmoz: talde txikitan edo bakarka, zuloetan sartu eta euren kontura aritzea gustuko dute haurrek. Gurasoek ere badute beren eremua, seme-alabak uzten eta jasotzen dituztenerako, trantsizio modura. Beirate handiek eguzkiaren argia eta berotasuna sartzen uzten dute eta komun mistoak ere beiratez inguratuta daude, denon bistara. "Hemen ez dugu ezer ezkutatzeko".
Txokoka antolatutako espazioak, lasai egoteko gunea, zailtasun maila ezberdineko azpiegiturak, intimitaterako zuloak nonahi... Arizmendin (arg: Dani Blanco)
Mistoak eta beiratez inguratuak, halakoxeak dira baita ere komunak Arizmendi ikastolako Arimazubi eraikinean. Beheko solairuan, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren maila daude. 88 ikasle eta lau irakasle finko dira eta solairu guztia da bat: beirate handiek bananduta, baina pasillo bakar batek elkartuta; irakasleen gela ere integratuta dago espazio berean. Eta anfiteatroa dute, harmailekin, talde osoa batzeko. Hurrengo erronka, akustika: sabaia jaitsi eta material bereziak erabiliz zarata zurrupatzea dute helburu.
Guztira 12 eraikin eta 3.000 bat ikasle ditu Arizmendik, Haur Hezkuntzatik Lanbide Heziketaraino. Duela zortzi urte hasi zituzten aldaketa arkitektonikoak eta gaur egun Haur Hezkuntzako sei eraikinak eta Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailak birmoldatu dituzte, konfiantzaren pedagogiarekin koherentea den espazioa antolatzeko saiakeraren barruan. Lehen Hezkuntza osoaren eta Batxilergoko espazioaren moldaketan murgilduta daude une honetan; adin horietarako zer nolako espazioak nahi dituzten ari dira eztabaidatzen eta udan egingo dituzte obrak zenbait eraikinetan. Bigarren Hezkuntzako espazioak eraldatzea etorriko da gero. Txikitan abiatutako pedagogiari jarraikortasuna eman nahi diote goragoko mailetan ere, izan ere zer zentzu du umeekin proposamen berritzaileak lantzea, gero bat-batean ohiko eskema zurrunetara itzularaziko bada ikaslea?
Lehen Hezkuntzako gunea, Arizmendi ikastolako Arimazubi eraikinean (arg: Dani Blanco)
Egitura zurrunetatik espazio gardenetara
"Ikasgelak ez daude irakasteko pentsatuak, kontrolatzeko baizik"; Stephen Heppell hezitzailearen hitzak dira. Arizmendiko pedagogia zuzendari Amaia Antero ez da hain gordina, baina garbi du: espazioaren kontzeptua ezin da isolatu planteamendu pedagogikotik, "eta eskolako espazioek, salbuespenak salbuespen, gizarte eredu bati erantzun diote, industrializazio garaiko mentalitateari: diziplina eta autoritatea. Horrek eskatzen du irakaslea erdigunean eta ikasleak ilaratan jartzea, irakasleari entzutea eta obeditzea helburu, norabide bakarreko irakaskuntza baten barruan. Egungo gure planteamenduan, irakasleak ikasleei informazioa emateko momentuak ez dira desagertzen, baina kontua da zein proportziotan egiten den hori, eta nola: taldeka aritu daitezke ikasleak, talde batean eurak autonomo, eta beste talde batean irakaslea lagun dutela. Norabide askotan eraikitzen baita ikaskuntza prozesua, ez irakaslearengandik bakarrik". Hori guztia errazten eta ahalbidetzen du espazioa birmoldatzeak. "Gainera, orain arteko espazioak hotzak ziren, beste goxotasun bat bilatzen ari gara".
Amaia Antero, irakaslea: "Ez daude gela itxiak, espazio irekiak baizik, ikasgela bat = irakasle bat dinamika puskatuz. Bilatu dugun gardentasuna lotuta dago denak gertu sentitzearekin eta elkarlanarekin"
Baita lortu ere: espazio diafanoak, zabalak dira Arizmendiko aldaketa arkitektonikoen emaitza: "Gelaren logika desagertzen da eta jada ez daude gelak, espazioak baizik; maila guztietan errepikatzen den eskema da –dio Anterok–. Horrek ikasgela bat = irakasle bat dinamika puskatu du, irakasle bat baino gehiago daude eremu berean, espazioetan bilatu dugun gardentasuna lotuta dagoelako hurbiltasunarekin, besteak gertu sentitzearekin, uneoro begi-bistan. Zailtasun bat sortzen den momentuan (konpetentziala, emozionala, fisikoa…), irakasleak presente daude eta garrantzitsua da, gure artean konfiantza harreman bat garatzeko". Irakasleak elkarrekin lan egitera ere bultzatzen ditu antolaketa honek, "eta horrek dakar euren artean gehiago adostea, haurrenganako begiradak anitzagoak izatea, egoeraren ikuspegi bat baino gehiago bateratzea…". Halaber, ikasleak taldeka eta txokoka aritzeko aukera ematen du espazio berriak, "egitura kooperatiboan jardutea delako gure oinarri nagusietako bat".
A. Antero: "Espazioa irekitzeak ez du esan nahi dena libre denik. Kontua da espazio horretan zer egin, eta irakasleek ikas-prozesua gidatzen dute"
Jakin-mina eta motibazioa sustatzeko giroa funtsezkoa dela jakitun, "estimulatuko dituzten egiturak bilatu ditugu, baina aldi berean baita lasaitasuna transmititzen duten espazioak ere. Beirateak inportanteak dira, argi naturalak bizipozean eragiten duelako; arkitektoek beraiek hala berretsi digute, ikaskuntza aktibatzeko balio du kanpoko argiak". Gainera, "ikasgela itxi batean karbono dioxido maila igotzen doa goizak aurrera egin ahala eta zaila da ikasleak kontzentratzea 2.000 partikulatik aurrera, eta 4.000ra ere iritsi daiteke", irakurri diogu Stephen Heppelli. Horri aurre egiteko modua ere badira gune irekiak.
Anterok azpimarraturiko beste ezaugarri bat: malgutasuna. Aukera anitzeko eta egitura malguko espazioak dituzte helburu, proiektu/txoko/talde batetik bestera mugitzeko aproposak, eta altzarigileekin ere ari dira hartu-emanean, besteak beste gurpildun aulki eta mahaiak eskuratzeko, ergonomikoki egokiak.
Malgutasuna = kaosa?
Jolas librea, malgutasuna mugimenduetan, askatasuna uzten duten espazio zabalak… ez ote dira kaosaren aliatu? "Espazioa irekitzeak ez du esan nahi dena libre denik –zehaztu du Anterok–. Kontua da espazio horretan zer egiten den, eta kaosa egongo da ikas-prozesua gidatzen ez bada, baina gela itxian gauza bera gertatu daiteke. Gure joera da, ikasgaika bainoago, proiektuka lan egitea, proiektu beraren bueltan arlo eta diziplina ezberdinak jorratuz, eta prozesu hori gidatu egiten dute irakasleek. Une batzuetan irakaslearen azalpenak beharko dituzte ikasleek, eta beste batzuetan autonomoki arituko dira".
A. Antero: "Denek aho batez diote gatazka kopurua jaitsi egin dela, ikasleak lasaiago dabiltzala espazio zabal hauetan"
Ondorioak harremanetan, psikomotrizitatean, autonomian…
Elkarrekintzan eta sozializazioan nabaritu dituzte emaitzak: "Haur, guraso eta irakasleek aho batez berresten dute gatazka kopurua jaitsi egin dela, ikasleak lasaiago dabiltzala espazio zabal hauetan". Gainera, eskola txikietan bezala, adin ezberdinetakoak aiseago nahasten dira, txikiagoek zaharragoengandik ikasten dute, eta alderantziz. Testuinguru anitza eskaintzeaz gain, txoko eta proposamen didaktiko ugari aukeran dituzte ikasleek, euren interesak kontuan hartuta, eta horrek ere laguntzen du askatasuna eta autogestioa garatzen. Erronka fisikoen araberako egiturek berriz, autonomia bakarrik ez, psikomotrizitatea ere bizkortzen dute. Artikulu hasieran aipatu dugun aldapa adibide garbia da, Anteroren hitzetan: "Aldapa hori igotzea lortzen duenean, espazio berri bat, beste mundu bat, beste harreman sare bat irekitzen zaio umeari, eta hori guztia oso lotuta dago alderdi psikomotorearekin".
Ondorengoa omen da galdera klabea: bueltatuko zinateke lehengo espazio antolaketara? "Eta inork, ez irakasleek, ez gurasoek, ez ikasleek, ez dute bueltatu nahi".
Birmoldaketa arkitektoniko hutsa ez da nahikoa, atzean lanketa hezitzailerik ez badago. "Bota buruko paretak lehenengo, eta gero botako dituzu kanpokoak"
Batxilergoko gelak eraldatzea apustu
Sarri balirudike esperimentu eta berrikuntza pedagogikoak haurrentzat balio dutela, baina adinean aurrera egin ahala serio jartzea dagokigula eta eredu akademiko zurrunari heltzea dela alternatiba bakarra. Beharbada horregatik, Amaia Anterok onartu digu erronka eta poz handia litzatekeela Batxilergoan egin nahi duten espazioen aldaketak emaitza arrakastatsua izatea. Oraingoz, birpentsatze fasean daude eta udan etorriko dira obrak. "Goxotasuna bilatuko dugu, sofak jartzea eztabaidatu da adibidez, eta oro har, Haur eta Lehen Hezkuntzan daramagun filosofia mantentzea da asmoa: espazio zabalak, bizpahiru irakasle batera talde handi batekin lanean, dena begi-bistan…". Gu, ezinbestean, Heppellekin gogoratu gara berriro: "Ikasmahaiak asmo txarrez diseinatu dituztela dirudi, irakurtzeko gauza deserosoagorik ez dago!".
Elorrioko Txintxirri ikastolan, bioeraikina
Elorrioko Txintxirri ikastolan, 0-2 urteko haurrek bioeraikina dute jolas eta ikas-gune: egurrezko eraikina da (urtean behin olioztatzen dute, ez dute berniza erabiltzen), isolamendu naturala du (kare eta lastozkoa), hormetatik dator beroa eta ez lurretik (umeak katuka dabiltzala aintzat hartuz), sabai-zuloek eta kristalek dute lehentasuna eguzkiaren argia ahalik eta gehien aprobetxatzeko, leihoak diseinatuta daude umeen txoko izateko (lurraren mailan dauden borobil erdiak adibidez, haurrek jolasteko)… Darabiltzaten materialak ere, ahal den neurrian, naturalak direla kontatu digu Zuriñe Zorrozua ikastolako zuzendariak: artilezko panpinak dituzte (guraso eta irakasleek eginak), ikasleekin batera egindako plastilina eta tenperak, metalezko eta egurrezko jostailu apenas landuak… eta kolore neutroz dago margotuta ikastetxea, harea kolorez: "Horrek lasaitasun handia ematen du; ez dugu kanpo-estimuluan sinesten, haurra da bere garapen prozesuaren jabe". 39 ume eta lau profesional hartzen ditu eraikinak.
Pedagogia aktiboa dute oinarri Txintxirrin, eta berau bideratzeko testuinguru ekologikoa bermatu nahi izan dute: "Testuinguru ekologikoa diogunean, gelarik eta paretarik gabeko espazio irekiez ari gara, gauzak eskura izateaz, mugimendu librean aritzeko umeak aske sentitzeaz, adin ezberdinen arteko elkarrekintzaz, espazio horretan familia integratzeaz… Eta hori guztia kontuan izanik diseinatu da eraikina", azaldu digu Zorrozuak.
Beirate handiak aurrealdean duten berdegunearekin konektatzen du barruko espazioa, kanpoaldera irekitzen den ikastetxea izatea ere bilatzen dutelako. Hain juxtu, jolastokiak berak duen garrantzia aitortzen eta eskoletako kanpo-eremua eraldatzen ari dira gero eta ikastetxe gehiagotan, futbolari protagonismoa murriztuz eta jarduera mistoekin aberastuz, denentzako izango diren lekuak bermatuz, natura txertatuz…
Txintxirri ikastolan, 0-2 urteko haurrek bioeraikina dute jolas eta ikas-gune. Beirate handiak aurrealdeko berdegunearekin konektatzen du barruko espazioa (arg: Txintxirri)
Gasteizko alde zaharrean, espazio berrietara egokitzen
Gasteizko alde zaharra txukuntzeko Europako laguntzak iritsi zirenean, alde zaharrean bertan dagoen Ramon Bajo ikastetxe publikoko gurasoek presioa egin zuten eskola ere kontuan har zezaten, eraikina zahartuta zegoelako. Haur eta Lehen Hezkuntzako 200 ikasle baino gehiago eta 20 irakasle inguru hartzen ditu ikastetxeak, bi solairutan. Laguntzak lortu zituzten, eta behin arkitektonikoki egitura moldatzen hasita, bestelako eredu bat aurrera ateratzeko aprobetxatu zuten, konfiantzaren pedagogian oinarrituta. Dagoeneko ezagunak egingo zaizkizu ikastetxe berriaren ezaugarriak: zirkulazio librerako espazio zabalak, denak elkartzeko guneak, txoko anitzak… 2013an abiatu zuten berrantolaketa, eta irakasleak prestatzen jarri dituzte indarrak, espazioak ahalik eta modurik egokienean erabiltzeko. Ramon Bajoko zuzendari Iñaki Ibargutxik dio goiz dela emaitzak baloratzeko, baina dagoeneko ondorio baikorrak antzeman dituztela: giroan, autonomia mailan, guztien arteko harremanetan…
Oharra ere egin digute elkarrizketatuek. Tresna bat gehiago da espazioaren antolaketa, planteamendu pedagogikoaren osagarri, birmoldaketa arkitektoniko hutsa ez baita nahikoa, atzean lanketa hezitzailerik ez badago. "Aukera baldin badaukazu, aldatu espazioak, baina aurretik aldatu barruko espazioak; bota buruko paretak lehenengo, eta gero botako dituzu kanpokoak", Amaia Anteroren gomendioa.
Ramon Bajo eskola publikoan 2013an abiatu zuten berrantolaketa: zirkulazio librerako espazio zabalak, elkarguneak, txoko anitzak... (arg: Dani Blanco) | news |
argia-7a4f6838bca1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/mitxelko-uranga-saiogilea.html | "Sistemaren helburua ez da pentsaraztea" | Mikel Asurmendi | 2017-01-15 | "Sistemaren helburua ez da pentsaraztea"
Berango, 1978. Iazko Euskarazko Saiakerako Euskadi Saria jaso zuen Tartaroa. Mina, boterea eta egia (Pamiela) saioaren bitartez. Globalizazioa eta kontsumismoa dira liburuaren hari nagusiak. Ondoren, Miguel Unamuno Saria irabazi du Misentropia saioari esker. Zazpi saiakera liburu argitaratu baditu ere, ez da bereziki ezaguna euskal letren munduan. Filosofian doktorea da. Gai hori irakasten du Sopelako Ander Deuna ikastolan.
Euskadi Saria jaso ostean, "ez nuen inondik inora espero, ni ez nau inork ezagutzen" esan zenuen. Tira, funtsezkoa liburua da, ez egilearen izena, ezta?
Ez dakit guztiz horrela izaten den. Sarien inguruan iritzi txarra daukat. Euskal literaturaren munduak endogamia moduko bat bizi du, epai-mahaikideek badakite nork idatzi duen, lana anonimoa izan arren. Adibiderako, Unamuno Sarira bi testu bidali nituen, eta epaile batek esan zidan: "Bai, eta beste hori ere zurea da". Bai bibliografiarengatik bai idazteko moduarengatik, gure aurkezpen txartela barruan doa. Areago Euskadi Sariaren kasuan, liburuak eta izenak ezagunak izanda, bada, ez nuen inondik inora espero, Eduardo Apodakak irabaziko zuelakoan nengoen.
Inportantea al da saritua izatea?
Saritua izateak badu bere alde ona eta txarra. Ona, zurekin elkarrizketa hau egin izana. Baina, batez ere, alde txar bikoitza du. Batetik, besteen kritiken jomugan jartzen zaitu, egiak ez direnak entzun behar dituzu. Adibiderako, idazle batek ni propagandista hutsa naizela esan berri du, postuak igo nahi ditudala. Ez daukat posturik igotzeko beharrik, nagoen lekuan ederto bainago. Ez dut inoren propagandarik egiten, frankotiratzailea naiz. Bestetik, plazagizona ez naizen neurrian, ez dut hedabideetan agertzeko inolako desirarik, ezta beharrik ere, ez naiz liburuez biziko eta. Anonimatua oso gogoko dut. Zazpi saio argitaratuta izanda ere, inork gutxik ezagutzen ninduen saritua izan arte, ordea, beste idazle batzuk erabat mediatikoak dira ezer gutxi eginda.
Idazleak, eta saiogileak are gutxiago, ez dauka beste ofizio mediatikoagoen famarik.
Orain argitaletxearen munduan apur bat sartzen ari naizenez [Sorzain proiektuaren bultzatzaileetako bat da], merkatuaren jukutriez jabetzen ari naiz. Idazle batek salmenten %10 irabazten du, eta bitartekaritzak gainerakoa; banatzaileak %50, hasteko. Beraz, desoreka itzela da. Idazleak kontsumo gai bihurtu gara. Proportzioan irakurle baino askoz idazle gehiago gara, ez daukagu beste idazleen lanak irakurtzeko betarik. Antza, publizitatearen bidez zabaltzen diren liburuak irakurtzen dira. Tartaroa. Mina, boterea eta egia liburuaren salmenta oso urria zen, baina Euskadi Saria jasotzeaz batera, bat-batean, askoz gehiago saldu da.
Kultura espektakulua da oroz gain. Merkatuak agintzen du. Irakasle zaren aldetik, nola bizi duzu zuk egoera hori?
Oso txarto. Mundu horrek heziketan nola eragiten duen egunero ikusten dut. Filosofia eta giza arloko ikasgaiak zelan baztertu dituzten ikusi besterik ez dago, LOMCE da horren adibide. Lehen Filosofia gaia derrigorrezkoa zen Batxilergoko bigarren mailan, orain letretakoentzat soilik eta aukeragarri. Argi dago, sistemaren helburua ez da pentsaraztea.
Greziako mitologia abiapuntu hartu duzu Tartaroa saioan, egungo gizarte globalizatua eta kontsumista aztertu aldera.
Mitoak gustuko ditut, ez bakarrik greziarrak. Euskaldunak, eskandinaviarrak edota zeltak ere bai. Hala ere, liburuan mitoak ez dira oinarria, esan nahi dudanerako aitzakia baizik. Euskal mitologian ez nuen aurkitu adierazi nahi nuenarekin harremana duen ezer. Beharbada, kristautasunak euskal mitoak itxuraldatu zituelako. Mito greziarrak ere aldatuak iritsi zaizkigu, baina greziarrek bi abantaila eskaintzen zizkidaten: denontzat oso ezagunak izatea, eta esan nahi nuenarekin paralelismoa izatea.
Zer dela Tartaroa?
Greziar mitologian hiru infernu eremu ziren, Tartaroa zen horietako bat, non bizigabeek eta bizidunek denek elkarrekin sufritzen zuten. Paralelismo horrek laguntzen du liburuaren tesietako bat ulertzen. Egun denok sufritzen dugu, lehenago herri xeheak soilik, gaur berriz, bai ekologiaren, bai izuaren, bai zaurgarritasunaren menpe gaude denok.
Mundu globala eta euskal errealitatea uztatzen saiatu zara.
Aurreko saiakeran hipermodernitatea edota kapitalismoa izan ditut hizpide, horien aurreko lauetan berriz, euskal kultura. "Zer da euskalduna?" galderari mila buelta eman dizkiot eta erantzunik ez dut. Hamaika definizio daude, baina, nahaspila izugarria ikusten dut. Ez dut uste definizio bakarra eman behar diogunik. Definizio bakarra ematen tematzen gara: euskalduna, euskal hiztuna, euskal kulturaduna, vascoa. Onartu behar dugu definizio anitz dagoela. Definizio horien errizoma bilatzen edota sinergia batzen saiatu beharko genuke, aniztasuna aintzat hartuz bide bateratuan joaten. Antzua da definizio bakarrarekin geratzea.
Desertua da saioaren beste ardatzetako bat.
Zygmunt Baumanek "modernitate likidoa" adierazpena famatu zuen. Jendarte solido izatetik likidoa izatera pasatu gara. Nik likido ordez, harea garela diot. Desertuaren irudia berebizikoa izan zait saioa gauzatzeko.
"Oligarkiak sustatutako hezkuntza sistemak gizaki abstraktua, despolitizatua eta arrunta nahi du"
Nolakoak dira zure ikasleak?
Ez dira ikasleriaren erreferente. Uribe-Kostako ikastola batean ematen dut klasea, 16-18 urte artekoekin batxilergoan. Bertako familiak egoera sozio-ekonomiko altukoak dira. Hipermodernitatearen paradoxa bizi dugu: sinestarazten zaigu autonomoak eta askeak garela, baina juxtu aurkakoa gara. Beraz, ikasleek ere pentsatzen dute inplikatuak eta helduak direla, baina, adibidez, arrazakeriaz eztabaidatzen dugunean ultraeskuindarren mezuetatik hurbil daudela ohartzen gara. Beren diskurtsoa matxismoaren aurkakoa da, baina praktikan galduta daude. Paradoxa batean bizi dira. Nartzisistak baino, Michel Maffesolik dioenez, Homo Esteticus dira. "Gozatzea eta gozatzea" baino ez dute buruan. Egunekoaz gozatu, gainerakoa ez da euren ardura. Gogoeta bat eskatzen zaienean, %80k esaldi bera darabil: Carpe diem.
Heziketa sistemak ez du laguntzen.
Hipermodernitatearen ezaugarri bat paradoxa da. Gazteen artean lehen paradoxa Batxilergoaren lehen mailan ematen da: "Gorroto dut filosofia, pentsarazi egiten didalako. Orain arte ez dut halakorik egin", esaten dute. Heziketa sistemak ez du bermatzen autonomiarako gaitasuna, enpresa munduak ezarria da eta enpresariek heziketa sistema panazea bezala saltzen digute.
Desertu globalizatuan internet da faroa. Nola bizi duzu internet, eskolan?
Irakasle batzuek sakelakoa gelan sartzea debekatzen dute. Niri arriskutsua izanda ere, zer edo zer azaltzen ari naizenean, "erratu zara horretan" entzutea interesgarria iruditzen zait. Jose Antonio Marina pedagogoak dioenez, internet eta bitarteko gailuak neutroak dira. Mailu bat bezala da, apurtu dezakezu buru bat, baina balio dut etxe bat eraikitzeko ere.
Gazteria ez da eredu, klase politikoa ere ez.
Politikariak ospearen eredu bilakatu dira. Azkeneko hamarkadetan politikak behera egin du nabarmen. Podemos Ahal Dugu fenomeno populista da salbuespena, populismoak neurri batean piztu du lokartuta zegoen gazteriaren multzo bat. Politikan eszeptikoa baino, ezkorra naiz, ez dut inolako konfiantzarik alderdietan. Prometatzen dutena eta gero betetzen dutena ez datoz bat, edo oso gutxitan. Nik politika aldarrikatzen dut alderdikerietatik at antolatu daitekeen neurrian, herri mugimenduen bidez egindakoa, hauen bidean erein daiteke aldaketarako hazia. Baina herri mugimenduek ez dute 60, 70 edo 80ko hamarkadetako bizitasuna, pil-pilean dagoen feminismoaren salbuespenaz. Gazteen artean, oro har, ez dago politikarako grinarik, kontsumitzeko aukera duten bitartean ez dute mugitzeko nahikaririk.
"Alderdi politiko guztiek aldarrikatzen dituzte demokrazia eta askatasuna, betiko hitz anpuloso eta polit horiek. Nola daiteke, ordea,
eskuin eta ezker muturreko alderdiek aldarri bera egitea?"
Kultura politiko berri baten sorburua hezkuntzan dagoela esan ohi da.
Baina hezkuntza klase politikoaren esku dagoen bitartean, zelan egin? Mendebaldeko sisteman hezkuntza diseinatuta dago enpresak behar duen langilea ekoizteko. Azken teknologia berriak direla eta, lanpostu asko desagertuko edo eraldatuko dira. Droneek eta gailuek ordezkatuko gaituzte. Enpresak aldatzen ari dira eta langile mota ere bai, horretarako heziketa sistema aldatu behar izan badute ere. Gaitasunetan oinarritutako pedagogia landu ezean, nekez sortuko dugu kultura politiko berri bat.
"Jainko berria" bilatzen duen fededuna bizirik dago.
Nietzschek zioenez, jainkoaren heriotzak ekarriko zituen jainkoaren itzalak. Jainkoaren ordezkoak, zientziak, politikak eta kontsumismoa, horiek indarrean daude. Hainbat jainko dago, non eta hipermodernitate horretan, fedearen egarri denak aukeratu dezake nahi duen jainkoa. Oligarkiak sustatutako hezkuntza sistemak gizaki abstraktua, despolizitatua eta arrunta nahi du. Sistema arduratzen da bere beharrez. Ogia eta Zirkua dagoen bitartean ez duzu ezeren aurka altxatu beharrik.
"Demokratizazio" eta homogenizazio bortitza gertatzen ari da.
Demokrazia hitza eufemismo hutsa bihurtu da, ez du ezertarako balio. Alderdi politiko guztiek aldarrikatzen dituzte demokrazia eta askatasuna, betiko hitz anpuloso eta polit horiek. Nola daiteke, ordea, eskuin eta ezker muturreko alderdiek aldarri bera egitea? Hitzek, definizioek, ez dute balio, definizioak ezereza bihurtu dira. Demokrazia ezereza da.
Nola gainditu hori?
Nekez, Trump fenomenoa ikusirik... Horrek eskuinaren loratzea ekar dezake Europara. Zer etor dakiguke? Nire ametsa kapitalismoa bukatzea da, baina posible ote? Aldaketa beharrezkoa da, baina ez da etorriko jendearen aldetik, kataklismo bat medio edo kapitalismoaren beraren inplosioz gertatuko da. Joseba Gabilondok bere azken liburuan esaten du, "hazkunde honek gainez egingo dio munduari, ez dago ongizate-estatua izaterik guztiontzat, ezinezkoa da". Beraz, klase ertaina desagertuko da, desberdintasun ekonomikoak are gehiago handituko dira, eta "hirugarren mundu" deiturikoaren altxamendua etorriko da. Gero eta gehiago dira izorratuak. Nik ez dut zer onik espero. | news |
argia-363cbd9bf40a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/garagardotarako-lupulua-euskal-herrian-iragana-edo-etorkizuna.html | Garagardotarako lupulua Euskal Herrian: Iragana edo etorkizuna? | I�aki Sanz-Azkue | 2017-01-15 | Garagardotarako lupulua Euskal Herrian: Iragana edo etorkizuna?
Lupulua ez da edozein landare. Lupulua landare berezia da eta baditu ondo gorderiko sekretu txikiak. Izan ere, lupuluaren lore emean, barnean, ezkutatuta dago garagardo onena egiteko sekretua: lupulina. II. Mundu Gerraren ostean, Euskal Herriko baratzeetan lupuluak inguratutako zortzi metroko makila luzeak azaldu zirenean inork gutxik zekien zer zen lupulua. Inork gutxik zer zen lupulina. Egun, garagardo artisaua indarra hartzen ari den honetan, gutxi dira lupulua ezagutzen ez dutenak, baina asko Euskal Herrian lupulua landatu zela ez dakitenak.
Testigu batek eman zidan lehendabiziko abisua: "Lupuluaren hau, kontu misteriotsua huen". Gero konturatuko nintzen zerbaitetan behintzat bazuela arrazoia. Euren baratzetan lupulu landaketak jarri zituzten testigu gehienak hilik dira eta euren seme-alaben testigantzak baino ezin ditugu jaso. Artxiboetan ezer gutxi eta bertako liburuetan ere aipamenak bakanak dira. Argazkiez, zer esanik ez. Arrastoei tiraka aurkitu ditugu hainbat artikulu zahar, egin ditugu hogei bat elkarrizketa eta artxiboetako dokumentuen kontsulta. Euskal Herriko lupuluaren historiari arrastoa ateratzeko moduan behintzat bagara.
Zortzi metroko arbak baratzeetan
"Arba luzeak izaten hituen baratzeetan. Eta hauetatik gora igotzen huen lupulua, babarruna bezala!". Lupulu landaketak ezagutu zituzten guztiek nabarmentzen dute gauza bera. Guda ostean lupuluaren etorrerak baratze askotako paisaia aldatu zuen. Lurrean sartutako dozenaka makila lodi eta luze haiek arreta deitzen zuten. Eta oraindik ere herritar askok dute irudi hura gogoan. Lupulu landaketetan 6-8 metroko arba, zurkaitz edo makila luzeak jartzen ziren zutik, errenkan, "bata bestetik metro eta erdi, bi metroko distantziara" lekua eta baserritarraren arabera. Sasi-akaziaz edo gaztainez eginak izaten ziren. Geroago etorriko ziren arba hauek ordezkatuko zituzten alanbreak, lanerako hobeak.
Arbak lurrean sartu aurretik, ordea, izaten zen lana, zulo sakonak egin eta lupulu landare berria sartzen. Lupulua pujatik ateratzen zen. Ez zen ereiten. Horrela, aterako zen landarea emea zela ziurtatuta zegoen. Garagardoa egiteko, landareak emea behar zuen eta. Hauxe izaten zen prozesua: landaretik ateratako puja berriak mozten ziren. Ondoren, udaberri hasieran, landatu eta hauen aldamenean sartzen ziren arbak edo makilak. Landarea hazten zihoan heinean arbara gidatu eta enborrean gora igotzen zen lupulua: "Uda hasierarako 6-8 metroko altuera hartzen zian".
Abuztu erditik aurrera hasten zen lorea botatzen lupulua, iraila erdira arte. Orduan beste une preziatu bat zetorren: lupulu-lorea jasotzeko garaia.
Iturria: Revista Agricultura. Argazkia: Vicente Ruigómez.
Emakumeak eta umeak lupulua biltzen
Europa erdialdean, lupuluaren tradizioa oso errotuta dagoen lekuetan, lorea jasotzea festa handia izaten zen. Jende andana elkartzen zen lupulu landaketetan, jasotzeari berari festa giroa emanaz. Euskal Herrian, ordea, jasotze prozesua oso bestelakoa izaten zen. Landaketa gehienak tamaina txikikoak izan ziren, gomendatu ere hala egiten baitzuten. Honela, familia bera izaten zen lorea jasotzeaz arduratzen zena. "Etxekoak egoten gintuan jasotzen. Lan gogorra izaten huen. Eguzkiak bete-betean jotzen zian eta euriarekin ezin jaso".
Hernanin, ordea, bazen lupulua jasotzera herriko jendea eramaten zuenik ere. Antonino Pagolarena izan zen Gipuzkoako lehendabiziko lupulu landaketa, Urumeako erriberan, Portu auzoa eta Karabel auzoaren artean eta 1945erako jada 100 landare zituen sartuak. Urtero-urtero Astigarragako Ergobi auzotik eta Hernanitik familiak joaten ziren lupulua jasotzera Pagolaren terrenora. "Familia osoa joaten gintuan. Etxean diru gutxi eta zer erremedio! Sos batzuk irabazten genizkian han eta!". Emakumeak eta umeak izaten ziren batez ere jasotzen zutenak. "Bi-hiru aste pasatzen genizkian jasotzen, egunero egunero".
Lupulu-lorea, landaretik lehortzeko plantara
Lorea zegokion garaian bildu behar zen, ez lehenago, ez geroago. Horrek ziurtatuko zuen lupulina, garagardoa egiteko erabiltzen dena, bere punturik onenean egotea. Hau dela eta, baserritar askori erakutsi egin behar izan zitzaion zein zen lorea biltzeko momentu egokia, urte osoko uzta galtzeko arriskua baitzegoen bestela.
Jaso baino egun bat lehenago, lurretik metro erdira mozten zen landarea. Hurrengo egunean, arba lurretik atera landare eta guzti eta etzanda jartzen zen, altuera txikira, eserita ahal bazen edo lurrean bestela loreak banan-banan mozteko, batzuetan guraizeekin, askotan azazkalekin. "Guk eskailerekin jasotzen genian" aipatu digu beste testigu batek. Jasotako loreak saskietan pilatzen zituzten, hortik zakuetara pasatzeko.
Antonino Pagolaren landaketara biltzera joaten zirenek pisuaren arabera kobratzen zuten "Egunean bertan. Hantxe zakua pisatu eta ordaintzen zitean". "Ondoren zakuak zaldi-karroan jarri eta Ergobira eramaten zitean lupulua". Gainontzeko baserrietan ahal zuten moduan moldatzen ziren zakuak Ergobira eramateko: "Anaia bizikleta zaharra hartu eta atzean zakua jarrita joaten huen!". Bestalde, Mutrikutik esaterako, Astigarraga urruti zuten eta trenez garraiatzen zituzten zakuak.
Zakuak Ergobin utzi eta zegokiena kobratu ostean landaketaren jabeak bere lana bukatua zuen. Hortik aurrera, Estatua edo kasu honetan Fomento del Lúpulo delakoa zen hurrengo pausuaz, pausu delikatuaz arduratuko zena: Jasotako lorea lehortu egin behar zen.
Lorea lehortzea
Espainiako Estatuan lupulu landaketak hasi zirenean baserritarrak izaten ziren lehortzeaz arduratzen zirenak. Lehortzea, ordea, kontu handiz egin beharreko prozesua zen. Gutxiegi edo gehiegi lehortzea, biak ala biak ziren txarrak eta aurreneko urteetako esperientzia eskasa ikusita, Estatuak lorea jaso berri zegoela biltzea erabaki zuen, azken pausua, lehortzea eta fabriketara bidaltzea euren esku hartuz.
Lehortzeko, noski, hezetasun gutxiko lekua behar zuen, eguzki askorik gabea, baina haize pixka bat sartuko zena. Baserrietako ganbarak leku egokiak ziren, baina Estatuak bere esku hartu zuenean, lehortze-plantak sortu zituen, sistema askoz egokiagoekin: lehortzeko labeak eta egurrezko kaxoiak zituzten. Ergobi auzoan zegoen, esaterako, lupulu-lorea lehortzeko planta. Ergobiko lehortze-plantako labea koke ikatzarekin zebilen: "Gure aitak eraman zian gurdikada bat koke Amaratik Ergobira, lupulua lehortzeko plantara".
Behin lehortuta, lupulua prest zegoen fabriketara eramateko eta garagardoa egiteko erabiltzeko.
Maria Pagola eta Antonino Pagola lupulu-loreak jasotzen Gipuzkoako lehen landaketan, Hernaniko erriberan. Iturria: Revista Agricultura. Argazkia: Vicente Ruigómez.
Lupulu landaketak Hego Euskal Herrian
Antonino Pagolak 1945ean jarri zuen lupulu landaketan Espainiako Gobernuko Dirección General de Agricultura izan zen sustatzailea. Bertan Golding edo Dorada de Kent izeneko barietatea sartu zuten, 1914an Leopoldo Hernández Robredo izeneko ingeniari agronomoak Ingalaterratik Galiziara eraman zuena, hain zuzen ere. Harrituta gelditu zen Galizian erreka ertzetan modu basatian hazten zen landarea, Ingalaterran garagardoa egiteko landatzen zutela ikusita. Honela, A Coruñan lupulu landaketak sortzeko frogak martxan jarri zituen segituan. Modu basatian bazegoen, zergatik ez zen ba bertan landatzerik izango?
Bitartean, gero eta garagardo fabrika gehiago zegoen Espainiako Estatuan eta denek kanpotik ekartzen zuten lupulua. Alemaniatik eta Austriatik ia kasu guztietan. Galizian lupulua landatzeko egin zituzten frogek, ordea, emaitza bikainak eman zituzten eta ikusi zen, gainera, kanpokoa baino prezio hobeagoan ekoiztu zitekeela. Saiakera bat edo beste egin arren, gauzak ez ziren asko aldatu eta fabrikek kanpotik erosten jarraitu zuten.
1930eko hamarkadaren hasieran landaketa proba berriak egin zituzten Galiziatik kanpo, hiru lekutan: Granadan, Bizkaian eta Nafarroan, bertako aldundiek bultzatuta.
Esperientziaren emaitza onak ikusita, 1949an lupulu landaketak zabaltzen hasi ziren: 1950erako Hego Euskal Herrian 20.000 lupulu landare zeuden, 225 nekazariren ardurapean. Bizkaian, Araba iparraldean eta Nafarroako Goizueta herrian eta Baztan, Arakil eta Iruñeko bailaretan ere ezarri ziren. Gipuzkoako hogei herritara ere iritsi zen: Hondarribia, Oiartzun, Astigarraga, Hernani, Usurbil, Orio, Gabiria, Mutiloa, Azpeitia, Mutriku, Oñati…
Baserritarrek aholkularitza behar izaten zuten eta Vicente Ruigómez Velasco izan zen Sociedad Anónima Españolaren izenean aholkulari lanak egin zituena. Eta itxura guztien arabera, herrialde bakoitzean arduradun bat egon zen Ruigómezen azpitik. Gipuzkoan, aurreneko landaketa jarri zuen Antonino Pagola izan zen. Honek koordinatzen zituen ekarri beharreko landareak, jaso beharreko zakuak eta bakoitzari ordaindu beharrekoak. "Gure aita Antoninorekin moldatzen huen, hark esaten ziguken baita jasotzeko garaia noiz huen ere".
Espainiako landaketa eremuekin alderatuz, ordea, Hego Euskal Herriko kopuruak txikiak izan ziren. Esaterako, Gipuzkoan 1945etik 1958ra 10 hektareatan mantendu ziren landaketak, baina segituan murrizten hasi ziren, eta 1968rako desagertu egin ziren. Nafarroan, 1930ean lehenbiziko frogak egin bazituzten ere, 1956an hasi ziren lupulu landaketak sortzen. 3 hektarea izan ziren aurrena eta segituan 2 hektareatara pasa zen eremuaren azalera, 1966an desagertu zen. A Coruñan, aldiz, 1957an Gipuzkoan baino 12 aldiz lupulu hektarea gehiago zegoen eta Leonen 17 aldiz gehiago.
Iragana ala etorkizuna?
Lupulu landaketek hogei urte eskas iraun zuten Hego Euskal Herriko baratzeetan. Hauetako askok, gainera, bi-hiru urte baino ez zuten iraun. Hasieran diru-laguntzak jaso zituen sektorea indarrean hasi zen, baina pixkanaka desagertzeko joera egin zuen eta garagardo fabrikak, berriro ere, lorea kanpotik ekartzen hasi ziren.
Egun, Euskal Herrian ekoizturiko garagardo artisauak indarra hartu duen honetan, badira bertako lupuluaren aldeko apustua egin dutenak. Agian, Euskal Herriko lupulu landaketak ahaztutako historia baino, etorkizuneko historia izango dira. | news |
argia-838cd968cc60 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2537/leire-reguero-ehuko-medikuntza-irakaslea.html | "Interes komertzialek berebiziko eragina dute drogen inguruko legedian" | Oier Aranzabal | 2017-01-15 | "Interes komertzialek berebiziko eragina dute drogen inguruko legedian"
Leire Reguero Farmazian lizentziatu zen 2007an eta 2014tik irakasle atxikia da Leioako Medikuntza Fakultateko neurozientzia sailean. Azaroan Nature aldizkari entzutetsuan kannabinoideek memorian duten eragina aztertzen zuen artikulu bat argitaratu zuen beste hainbat ikerlarirekin batera. Urteetako lanaren fruitua da argitalpena, eta kannabinoideek memorian nola eragiten duten azaltzen du, inoiz azaldu ez bezala.
Kannabinoide hitza entzun eta Cannabis -a datorkio burura edonori.
Cannabis landarea antzinatik erabili izan da, nola errito magikoetarako, hala modu terapeutiko eta ludikoan. Jendeak ez zekien zergatik ordea. Landare horrek fitokannabinoideak eta beste substantzia asko sintetizatzen ditu. Ezagunenak, Delta 9 THCa eta CBDa edo kanabidiola. THCa da jendeak ezagutzen duena, psikoaktiboa delako, "kolokatzen" gaituelako. 1964an isolatu zen, eta CBDa, berriz, 90eko hamarkadan.
Cannabis -ak zer onura terapeutiko izan dezake?
Minbiziari dagokionez, adibidez, kimioterapiak eragindako okadak saihesteko edo gosea pizteko erabil daiteke eta hainbat laborategitako saioetan tumoreen aurkako funtzioak izan ditzakeela ere ikusi da. Euskal Herrian badago esklerosi anizkoitzaren zenbait ondorio tratatzeko cannabis -etik eratorritako farmako bat, Sativex izenekoa. THCa eta CBDa ditu pareko kontzentrazioan. Gainera, memorian duen eragina gaindituz gero balio dezake Alzheimerra eta Huntington sindromea tratatzeko ere.
Cannabis -a eta kannabinoideak estigmatizatuta daude zeharo.
Bai, Cannabis hitzetik eratorritako oro droga ilegalarekin erlazionatzen da eta zailagoa da komertzializatu eta horrekin lan egitea. Esperimentaziorako ez dago hainbeste arazo; guk saguekin lan egiteko, esaterako, ez dugu arazorik. Baina gero gizakiengan erabili nahi baduzu, traba eta oztopo asko sortzen dira saio klinikoak egiteko. Herrialde askotan ilegala da cannabis -a eta, beraz, landare horretatik ateratako substantziak ere estigmatizatuta daude. Uste dut, hala ere, ikerketa gehiago egin ahala argiago geratuko direla cannabis -aren onurak. Haur epilepsiaren kasua nabarmena da. Beste farmako batzuk ez badira eraginkorrak, azkenean, kannabinoideak erabili beharko dira.
Nola gainditu estigma hori?
Heziketa oso garrantzitsua da. Alde batetik nerabezaroan, ez bakarrik kannabinoideekin, beste drogekin ere berdin egin behar da. Oso garrantzitsua da erabilera ludikoa eta terapeutikoa bereiztea. Kontsumo ludikoari dagokionez norberak nahi duena egin dezake, baina berebizikoa da kannabinoideek sor ditzaketen ondorioen inguruko informazioa izatea. Nerabezaroan oso arriskutsua da THCa kontsumitzea.
Zergatik?
Oraindik burmuina ez dagoelako guztiz garatuta. Nerabezaroan neurotransmisoreen arteko komunikazioa garapen fasean dago eta exokannabinoideak hartuz gero, neuromodulazio hori galtzeko arriskua handia da. Ikusi da eskizofrenia, agerraldi psikotikoak eta horrelako gaitzak sor ditzakeela. Helduen kontsumoak, berriz, ez ditu horrenbeste arrisku. Memoria galera izan liteke ohiko ondorioetako bat. Alta, inor ez da hil cannabis -a hartzeagatik, ez baita hain erasokorra.
Ikerlaria zaren aldetik, zer iritzi duzu gaur egungo legediaren inguruan?
Galdera zaila da. Ez daukat batere garbi. Oso jomuga interesgarriak izan ditzakete cannabis -ak edo cannabis -etik eratorritako farmakoek medikuntzan. Nik ez dut ulertzen zergatik den ilegala cannabis -a, eta aldiz, tabakoa eta alkohola ez. Bitxia da, tabakoak eta alkoholak ez dutelako erabilera terapeutikorik eta jendea hil egiten delako bien kontsumoagatik. Eta cannabis -a, berriz, funtzio terapeutikoak izan arren ilegala da. Zalantza izpirik gabe, erabilera terapeutikorakoak legala izan beharko luke. Hori bai, kontrolarekin, tabakoak eta alkoholak ere izan beharko luketen kontrol berarekin.
CBDa ez da psikoaktiboa. Nola da posible debekatua egotea?
CBDa landareetatik ateratzen da, eta ezin da patentatu. Enpresa farmazeutikoei ez zaie interesatzen CBDarekin lan egitea. Azkenean ez baitute diru asko irabaziko. Interes komertzialek berebiziko eragina dute drogen inguruko legedian. Morfinaren kasua oso antzekoa da. Papaver somniferum landaretik morfina sortu zen lehenik, eta gero haren deribatu gisa heroina atera zen, beste batzuen artean. Cannabis -arekin gauza bera gertatzen da, medikamentuak atera daitezkeela, baina haxixa ere bai. Horregatik da garrantzitsua erabilera ludikoa eta terapeutikoa bereiztea.
Kannabinoideek memorian duten eragina aztertu duzue zuek, hain zuzen ere, Nature aldizkarian publikatutako artikuluan.
Bi artikulu argitaratu dira, zehazki. Lehenengoa Nature Neuroscience aldizkarian, 2012an. Jakina zen CB1 hartzailea neuronaren mintzean aurkitu zitekeela. Baina lehen ikerketaren bidez, jakin genuen hartzaile hori mitokondrien mintzean ere badagoela. Eta gainera funtzionala dela! CB1 mitokondrialak neuronen jarduera erregulatzen duela ikusi genuen. Aurkikuntza garrantzitsua izan zen kanpotik hartutako kannabinoideek memorian duten eragina ulertzeko. 2016ko azaroan publikatu den bigarren artikulua, aurrekoaren jarraipena da. Horretan saguekin egindako memoria probak eta haietatik ateratako ondorioak bildu ditugu. Laburki azalduta, CB1 mitokondrialik gabeko sagu transgenikoen memoriarengan kannabinoideek eraginik ez dutela frogatu dugu. Hau da, CB1 mitokondrialak direla kannabinoideek memorian duten eraginaren gakoa. | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.