id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-0cd423529502 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/errekurtso-ekonomikotik-gutxi-baina-sozialetik-asko-duen-ortua.html | Errekurtso ekonomikotik gutxi baina sozialetik asko duen ortua | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2015-07-26 | Errekurtso ekonomikotik gutxi baina sozialetik asko duen ortua
Agirre Lehendakariaren etorbideko ke zurrunbilotik atera eta pauso gutxira, Aranbeiti auzoan, hiri handiak ezkutatzen dituen altxor berde txikietako batean dabil Saioa Bacigalupe. Aitzurra eskuan tomate ipurdiak harrotuz bere txanda betetzen ari da Deustuko Gazte Asanbladatik bideratutako ortu komunitarioan.
Baratza taldearentzako Aranbeitiko ortua produkziorako lur zatia baino gehiago da, ikasketa prozesu bezala ikusten dute. Taldean daramaten ikasketa prozesua. Gehiago dakitenek gutxiago dakitenei irakasten dietela ari dira ezagutzen hiritarrak nekazal-mundua eta ari dira beste modu batera harremanetan jartzen naturarekin, lurrarekin. Ortu horri, baina, ez diote zentzurik ikusten komunitarioa ez bada; ez dute lur zatia banatu eta bakoitzak bere baratzetxoa eduki dezan nahi. Ezagun dituzte horrelako eredu batzuk, baina ez daukate kolektiboak ematen dion indarrik. Erabakiak asanblearioak izaten dira Aranbeitiko baratzean, eta honek prozesua mantsotzen badu ere taldearen pauso bakoitza sendoagoa dela iritzi diote.
Nola egiten da produktuen banaketa ortu komunitarioan?
Barre egiten dute galdera hori entzuten dutenean ez baitaukate formula zehatzik horretarako, logika besterik ez. Kide bakoitzak badaki guztien lanak emandako fruituak guztienak direla, eta norberak kalkulatzen du zer eta zenbat bildu behar duen. Konfiantzan oinarritutako bilketa sistema deitu diezaiokegu, familia edo lagunarteko banaketa arrunt batean egiten dugun moduan.
Haziak sortu eta trukatu
Haziak erosi beharrik ez dute izaten Aranbeitin. Urtean biltzen joaten diren produktuetatik haziak gorde eta datorren urterako prestatzen dituzte, eta aldi berean beste talde eta norbanako batzuekin trukatzen dituzte beste batzuk. Zenbait hazi ingurukoen edo antzeko esperientzia ezagutzen ari direnen artean banatzen dituzte, baina badago horretara bideratutako talderik ere, Hazien Sarea esaterako. Bertakoak diren produktuak ereiten dituzte ahal duten neurrian, eta ez bakarrik baratzean, orain hilabete batzuk inguruko txokoetan Euskal Herriko zenbait fruta-arbola aldatu baitzituzten.
Lurra hobetuz doa. Lau urteotan aldaketa nabaria izan dela diote baratzezainek. Lur buztintsua dute, baina landuz doazen heinean aldatuz doa; errotazioak egiten dituzte beti produktu berdinak leku berean ez jartzeko, eta eurek egindako konpostetik ateratako ongarriak ere mejora handia egin diola aipatzen dute.
Errekurtso ekonomiko gutxirekin aurrera ateratzen den ortu honetan lanabes gehienak ere inork utzi edo emandakoak dira, eta beharrezko materiala inguruak eskainitakotik eta eskulanaz baliatuz lortzen ahalegintzen dira. | news |
argia-f75703560e78 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/jaialdi-2015.html | Boiseko egunak | Urko Apaolaza Avila | 2015-07-26 | Boiseko egunak
Euskal diasporak zita bat dauka Idahoko hiriburuan: bost urtean behin egiten den Jaialdin 45.000 lagunetik gora bilduko dira berriz, dantza eta herri kiroletik harago, komunitate izaera sendotzeko asmoz. Autoafirmazio ariketa erraldoi hori, euskaldunek AEBetan duten erakusleiho ikusgarriena bilakatu da edizioz edizio, eta itsasoz alde honetako agenda kultural eta politikoan ere hasi da eragiten.
Mendebalde Urruneko bihotzean, basamortu eta mendien artean, kokatzen da Boise, 200.000 biztanleko hiria. Euskaldunak behinola artzain ibilitako lurralde hori AEBetako euskal komunitatearen gune nagusietakoa da gaur egun. Ez kasualitatez bertan egiten da diasporako festarik handiena, Jaialdi. 1987an sortua, edizioz edizio herritarren parte-hartzea handituz joan da; 2010ean errekor guztiak gainditu zituzten: antolatzaileen estimazioen arabera 45.000 lagun inguru elkartu ziren munduan ezagunak diren hainbat euskal kultur espresioren bueltan egindako ospakizunetara.
Jaialdi antolatzeaz arduratzen den Boiseko Euzkaldunak euskal etxeak jadanik prest dauka aurtengo egitaraua, uztailaren 28an hasi eta abuztuaren 2ra arte luzatuko den festarako. Estadio eta aretoetan egingo diren dantza eta herri kirol emankizunetarako tiketak urtarriletik daude salgai interneten; aurtengo nobedade izan den Bilboko Athletic eta Mexikoko Tijuanaren lagun arteko futbol partidarako sarrerak ere sarean jarri zituzten salgai, 85 dolarren truke. Norgehiagoka uztailaren 18an jokatu zen eta Albertsons Stadiumeko zelai artifizial urdin kolorekoa belar naturalez aldatu behar izan zuten horretarako.
Euskal Herriko lau talde aukeratu dituzte egitarau ofizialean parte hartzeko: Iruñeko Ortzadar dantza taldea, Durangoko Luhartz eta Soraluzeko The Crazy Wheels Band musika taldeak, eta Orioko Irrintzi erraldoi konpartsa. Xabi Paya eta Nerea Ibarzabal Salegi bertsolariak ere ariko dira, baita herri kiroletako makina bat lagun ere. Baina Boiseko Basque Block delakoa –euskal jatetxe, museo eta zentroak biltzen dituen gunea– AEBetako euskal etxe ugaritako dantza taldeen eta Euskal Herritik euren kasa joandako beste talde askoren jai giroz bustiko da baita ere.
Tour operadoreak jo eta su ari dira Jaialdi dela-eta pakete turistiko bereziak eskaintzen: urliak New York eta Las Vegas bisitatzeko aukera ematen du, sandiak ikuskizunetarako sarrerak prezioaren barne daudela dio, berendiak aurkezle ezagun baten konpainia jarriko dizu... Ehunka boluntarioaren itzalpeko lanean oinarrituagatik, egiaz, festa komertziala ere bada hau: marka babesleen zerrendan Coca-cola edota Keybank daude esaterako, eta kamisetak ez ezik zerbeza jarrak eta biserak ere eros daitezke Jaialdiren logoarekin. Baina ez dugu zertan kapitalismoaren bihotzeraino jo behar halakoak ikusteko, gertuago ere ohituta gauzkate.
CNNren faboritoen artean
Hedabide esanguratsu zenbaitek arreta jarri dute Boisen egingo den festibalean. CNNk, adibidez, aurten AEBetan bisitatu beharreko 15 toki "bitxien" artean jarri du Idahoko hiriburua, Jaialdi eta euskal komunitatea aipatuz: "Dantza eta jokoak, jai alai barne, euskaldunentzat ezinbestekoak dira –dio telebista kateak–. Eta jaialdian egoterik ez baduzu, beste edozein momentutan joan zaitezke, jan, edan eta euskal kultura zer den ikastera".
Jaialdi aukera ekonomiko itzela da Idahoko enpresa esanguratsuak eta multinazional garrantzitsuak biltzen dituen Boiserentzako. Bertako eta kanpoko euskaldunak ez ezik, beste komunitateetako jendeak ere erakarri ditu: "Zeinek ez luke nahi halako herri zirraragarri baten parte izan?", dio irlandar-eskoziar jatorria duen Boiseko Patti Murphy idazleak, Idaho Statesman egunkariari erantzunez. Murphy duela urte batzuk hasi zen Biotzetik abesbatzan kantatzen "kultur-familia baten partaide" zela sentiarazten ziolako.
Komunitate baten partaide izateko sentimenduak bultzatuta jotzen dute Amerikako euskal kolektibitateek gurean errazegi folklore hutsera bazterturiko espresio bideetara. Ezaugarri propioak dituen iruditeria eraiki dute diasporan, eta Jaialdi moduko ospakizunak euskal kontzientzia hori transmititzeko tresnak dira.
Hau ez da, ordea, bost urtean behin loratzen den baratza. AEBetako euskal etxeetako jarduna egunero ongarritu behar da, eta Jaialdi finantzabide baliotsua izan ohi da horretarako, baita euskara sustatzea helburu duten proiektuentzat ere, Boiseko Ikastola kasu. Hain justu, duela hilabete eskas egoitzaz aldatu du AEBetako ikastola bakarrak, hiriaren erdigunean dagoen Broadway kalera, eta orain ikasle gehiago hartzeko eta zerbitzu hobeak eskaintzeko aukera dauka: "Ikusgarritasunean ere irabaziko dugu", azaldu dio Euskalkultura.com atariari Oihana Andion irakasleak.
Astiro-astiro hizkuntza tokia hartzen ari da euskal diasporako nortasunaren abaraskan. Iparraldeko Amerikako zenbait euskal etxetan euskarazko eskolak ematen dituzte aspaldiko urteotan, Eusko Jaurlaritzaren HABE erakundearekin sinaturiko hitzarmenari esker –150 lagun baino gehiago ari dira euskara ikasten–; Boisen berrikitan topaketa egin dute Euskara Munduan programaren barruan ari diren dozena bat euskara irakaslek.
Politikarien agendan
Jaialdik hartu duen garrantzia eremu politikora ere iritsi da eta Euskal Herriko zenbait instituzioren agendan eragitea lortu du. Duela bost urte ikusmina sortu zuen orduan lehendakari zen Patxi Lopezen bisitak; lehen aldia zen Euskadiko sozialisten buruak izaera horretako bidaia egiten zuena diasporara. Bestalde, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbao ere Jaialdi'10-en izan zen eta horrek nolabaiteko eztabaida ekarri zuen protokoloari zegokionez.
Aurten Iñigo Urkulluk iragarri du Jaialdin izango dela, eta ospakizunetan parte hartzeaz gain, besteak beste Idahoko Gobernadorearekin eta Boiseko alkatearekin ere batzartuko da. Era berean, Boise State Universityrekin elkarlanerako hitzarmena sinatuko du.
Urkullu New Yorkeko euskal etxearekin duela bi urte izandako polemika sonatuaren ondoren itzuliko da AEBetara –mendeurrena ospatzeko ekitaldian desadotasunak izan zituzten euskal etxeak Donostiako alkate Juan Karlos Izagirreren bideo bat erakutsi nahi izan zuenean–. Dena den, badirudi urak bere onera etorri direla eta EAJren Jaurlaritzak diasporarekiko harreman oso estua mantentzen duela, historikoki izan den moduan.
Harreman horiek are gehiago sendotu eta datozen urteetan izango duen atzerri politika azaltzeko beste geltoki bat Gasteiz izango da, lau urtean behin egiten den Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarra ospatuko baita bertan urriaren 7an. Eusko Jaurlaritzak atzerrian Basque Country marka indartzeko ekimena jarri du abian, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkariaren ustez enpresak munduan lehiatzen diren bezala lehiatu behar dira herrialdeak "inbertsioak, turismoa eta talentua" erakartzeko.
Urkulluk euskal kolektibitateei aurten bidalitako gabon-mezuan "Euskadi nazioartekotzeko estrategia" hori aipatu du: "Gure herria nazioartera eramateko plan horretan zuek ere atxikita zaudete", esan die euskal etxeei. Zerumuga ere jarri du lehendakariak: 2020 urterako nahi ei ditu ekonomia bizkortuta, bakea sendotuta eta estatus politiko berria.
Ikusiko da zein rol jokatzeko gai den euskal diaspora bide horretan. Oraingoz behintzat, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak Jaialdiren erakusleihoa baliatuko du horretaz hausnartzeko. Gure Esku Dagok, Agirre Lehendakaria Centerrek eta New Yorkeko Columbia Unibertsitateak antolatuta hitzaldi zikloa izango da uztailaren 30ean Boiseko Grove hotelean. Bertan parte hartuko dute Gure Esku Dagoko Jon Camiok, Joshua Fisher Columbiako Unibertsitateko irakasleak eta Ibarretxe lehendakari ohiak. Toghether or nothing at all da Ibarretxeren mintzaldiaren izenburua: edo elkarrekin edo ezer ere ez. | news |
argia-8af9bbf89757 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/ezustekoak-usteko-egiteko-bidean.html | Ezustekoak usteko egiteko bidean | I�aki Antiguedad | 2015-07-26 | Ezustekoak usteko egiteko bidean
Gogoeta eguneroko bidaide behar dugu, gaur atzo baino gehiago, iraganak ez baitu bidea mugatu behar. Hortaz, nora-bideaz eta nola-bideaz, bietan jarrai, gogoeta. Sarri gertatzen da tarteko helmugan lortutakoa abiapuntuan uste zena ez izatea. Hortixe ezustekoak! Hauek gutxitzeko onena ikusmoldea zabaltzea da, oinak orainean eta burua orain-geroan, aurreikuspenak eta atze-ikuspenak eraginkor uztartuz. Eraginkorra ez denak ez baititu aldaketarako baldintzak sortzen. Berez dinamikoa eta biodibertsoa den munduan halaxe behar du hemengo ezkerreko subiraniston jardunak, une oro ondo kokatuta egotea beharrezkoa baita aldaketek behar duten gehiengo soziala aktibatzeko.
Azken hauteskundeak lau urteko markoa utzi du hainbat instituziotan. Orduko hainbat ezusteko hurrengoan aldeko usteko bihurtzeko bada zer birpentsatu. Nire pentsaeraz, iraganetik dakartzagun ardatz batzuk desmitifikatu behar dira behingoz. Ezker-eskuin eta abertzale-ez abertzale , kasurako. Iraganean proiektuen konfrontaziorako bidea eman zuten horiek ez dute orainean funtzio hori betetzen, lehengo sinpleak ez baitu oraingo konplexuan funtsezko lekurik. Gure proiektua ere ezin orduko bera izan. Krisi sistemikoa krisi.
Hortaz, ohiko abertzaletasuneko lurraldeetan izan ditugu ezusteko grisak, gainerako euskal lurraldeetakoak emankorragoak izan ditugula. Hor eta han egindako ibilbideetan pedagogia desberdina izanagatik, seguruenik. Ikasgai hartzekoa. Burujabetza kontzeptu integratzaileagoa behar dugu, gehiengo sozial batek integratzeko modukoa, mundu globalizatuan euskal herritarrok barne eta kanpoko ardurak geure lurraldetik kudeatzekoa. Norabide honetan Fronte Zabalak aukera baliagarria izan beharko luke metamorfosirako, egiteko eta eragiteko moduetan asmatuz gero. Frontean aditu gehiago behar ditugu soziologian zuzenbidean baino, guztion beharra egonda ere.
Izan ere, proiektuen konfrontaziorako gaurko ardatza kultura sozio-politikoa ulertu eta gauzatzeko moduan datza. Hortaz, sortu diren formazio politiko berriak elkarlanerako kide hartzeaz gain, bada guk erantzun beharreko galdera: zergatik ezkerreko subiraniston gaurko proiektua ez den lagun horientzat erakargarri? Zergatik? Beharbada, paradigma berrien sasoi historiko honetan iraganaren eta hiztegiaren inertzia harlauza astunegia dugulako, are gehiago ohiko pedagogiaz zabaltzeko. Tira, zenbatuak izango garen hurrengoan emaitzek ez gaitzatela ezustean harrapatu! | news |
argia-3c6ece4f6a5e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/rock-and-roll-para-hijos-de-perra.html | Kontuz helduen amorrazioarekin | Iker Barandiaran | 2015-07-26 | Kontuz helduen amorrazioarekin
Rat-Zinger
Rock-and-roll para hijos de perra
Maldito records, 2015
Iraganean, heavy peto-petoa zen lagun bat askotan haserretzen zitzaidan esaten niolako Motörhead taldea ez zela heavya, askoz harago zihoala. Testuinguruan jartzeko, kontuan hartu behar da gu gaztetxoak ginenean uztartu ezin ziren bi aukera unibertsal bakar zeudela: heavya edo punka izatea, nahiz eta gerora zenbaitzuk aitortu izan duten halako edo bestelako iragan ezkutua izan zutela. Bi bide erabat desberdin ziren, kontrakoak, Metallicaren Kill'em all hura agertu eta batzuek argia ikusi zuten arte. Baina hori beste historia bat da.
Antzinako kontuak dira bi bando existitzen zirenekoak, eta Motörhead-eko arima den Lemy Kilmisterrek betidanik egin du paso halakoez, bere inguruan rock sinesgarria, erraietakoa eta gogorra maite duten guztiak batuz. Gauza bera egin dute emaitzak ikusita, jakina, haren jarraitzaile sutsu diren Rat-Zinger taldekoek. Aurretik proiektu oldarkor askotan trebatutako lagunek taldea sortu zuten Benedikto XVI akabatu eta horren ordez Lemy jartzeko. Baina, antza, aita santu alemaniarrak bolbora usaina urrunetik sumatu eta erretiroa hartzea erabaki zuen. Orain Nerbioi alderik alde nork zabalduko ote duen zain daude.
Crónicas de la destrucción estreinako lana bolbora hutsa da eta aukeratutako arma punk amorratua; hurrenak, Cartas al Vaticanok , tarteka kutsu hardcore-metaleroa du; eta azken honek handik eta hemendik edaten du: metaletik, ertz oso zorrotzeko rocketik, punkaren gordintasunetik eta kaleko rockaren egiazkotik.
Hain zuzen ere, "sinesgarria" da Rat-Zinger entzuterakoan etortzen zaidan lehen adiera. Sinesgarria eta baita jugularrera doana ere, ez daukalako erdibiderik eta gibela ere bertan uzten duelako. Gauza askori egiten diete deiadar eta batzuen ustez topikoa izan badaiteke ere, barru-barrutik ateratzen zaiela ezin da ukatu. Zer esanik ez, gaur egungo garaietako neurriz gabeko manipulazio eta gehiegikerien erreflexu argia dira haien kantak, nahiz eta ikusitakoa ikusita taldea ia salbuespena den bertako musika panoraman; gutxi dira halako talde amorratuak.
Izenetik bertatik abiatuta, elizaren boterea beraien obsesio nagusienetakoa da, eta horri Lemyren (berriro!) White line fever liburuaren estetika batuta, kantu hauek Biblia oso berezi batean batu dituzte, eta hitzei santu deritzoten liburu horretako zenbait aipu gaineratu dizkiete.
Barruko mamiari dagokionez, izenburuak argi eta garbi uzten ditu asmoak: Rock-and-roll para hijos de perra (Putakumeendako rock-and-rolla). Metalarekin ia limurtu nahian aritzen dira, batez ere kantuen oinarrian, eta gai dira musika industrialetik ere edateko; baina lan honetan gehiago dute rocketik, indartsutik, gitarrerotik edo, zergatik ez?, "kaletar" edo "urbano" delako horretatik. Eta gai dira tempo erdiak zein punk-hardcoreko abiadurak uztartzeko.
Bai, helduagoak dira emaitzan eta kantuak borobiltzerakoan, baina baita tiro egiterakoan ere. Kontuz! | news |
argia-d3db3c81482f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/ainhoa-azurmendi.html | "Federazio eta klubek ez gaituzte mehatxu bezala ikusi behar, aukera moduan baizik" | Jon Torner Zabala | 2015-07-26 | "Federazio eta klubek ez gaituzte mehatxu bezala ikusi behar, aukera moduan baizik"
Berdintasun gaietan aditua da Ainhoa Azurmendi. Avento aholkularitza-enpresako kide, kirolean genero ikuspegia lantzeko hainbat gidaliburuen egile eta eskubaloi jokalari federatua 2012ra arte. Hernani, Fortuna, Pulpo eta Ereintza taldeetan jokatu zuen. Gaur egun korrika aritzen da, mendian, piraguan, palan… Emakume kirolariek gainditu beharreko oztopoez mintzo, egiturazko arazoak nabarmentzen ditu.
Eztabaidaren abiapuntua jaiotzen garen unean bertan kokatu beharko genukeela diozu.
Adibide gisa guraso batek esan zidana jarriko dizut. Euria egitean alabak ezin zuela eskubaloian jokatu zioen, busti eta katarroa harrapatuko zuelako. Eguraldi berarekin semeak futbolean egiten zuela erantzun nion, eta berak: "Bai, baina ez da berdina".
Bestetik, adiskideek esaten didate arraroa dela mendian emakumezko bat bakarrik, lagunik gabe, ibiltzea. Arrazoia ez da mendia gogoko ez izatea. Nork ez du gustuko askatasun sentipen hori, itsasoan igeri egitea, piraguan aritzea, kalean korrika egitea, espazioaz gozatzea? Auzi honek guztiak sozializazio prozesuarekin du lotura. Tradizioz espazio itxietan hezi gaituzte, eta kontrolatuago izan. Halaber, nesken gorputz mugimenduari mugak jarri zaizkio. Garrantzitsua da txiki txikitatik koordinazioa bezalako abileziak garatzea, lasterka egitea, harkaitz artean ibiltzea, arraunean aritzea, baloiarekin jolastea... Sarri esan ohi da: "Mutilak hauxe behar du, mugitua baita oso!". Bada, neskak ere bai! Gertatzen dena da jostailuen bidez-eta mugak jartzen zaizkigula. Baloiarekin psikomotrizidade gaitasunak gara daitezke, panpinarekin ordea… Berdin arroparekin; gonatxoek esaterako mugimendu askea oztopatzen dute.
Txiki txikitatik jasotakoak, beraz, garrantzia du neskek kirolari atxikitzeko orduan.
Hala da, kirola satisfazio iturri bilakatzea inportantea da. Lan mordoa dago egiteke; guraso, irakasle eta gainerako eragileei baliabideak eskaini behar zaizkie nesken artean kirolaren gaineko motibazioa suspertzeko. Hainbat jende oso kontziente da eta nor bere esparruan ahalegin handia egiten ari da, baina ezinbestekoa da ditugun tresnak are gehiago gizarteratzea.
Maiz, normaltzat hartzen da adin batera heltzean neskek kirola uztea, zerbait subjektiboa balitz bezala. Eta ez da subjektiboa. Emakume batek kirola eginez plazera sentitzen badu, eta gorputzaren bidez satisfazioa hartu, bizitza osoan bilatuko ditu sentipen horiek.
Gorputzarekin dugun harremana aipatu duzu…
Lotsa, estetika, konplexuak… osagai ugari nahasten da. Hedabideek, esaterako, edertasun kanon batzuk errepikatzen dituzte etengabe, eta horrek eragin handia du geure gorputza baloratzeko orduan. Kirola txikitatik egin badut, aldageletan beste neska batzuekin egon, gorputz ezberdinak ezagutu eta lehiak dakarren kontaktua naturaltasunez bizi, eragina izango du aurrerago ere kirola praktikatzeko orduan.
Emakume askok aipatu izan didate lotsarena. Aditzera ematen dute ez direla aske desio duten hori egiteko. Batzuek esango didate kiroldegietan neska piloa ikusten dela. Arrazoi dute, eta positiboa da, baina lehengora goaz: leku itxi eta kontrolatuak dira. Egoerarik idealena litzateke neska horiek kiroldegitik kanpo ere beste gauza batzuk egiteko aukera izatea.
Eta ez dute? Zerk oztopatzen die?
Neskek kirola egiteko hainbat oztopo dituztela aipatzeak ez du zertan esan nahi norbait gu izorratzeko asmoz dabilenik. Gehiago ari gara bizkarrean dakarten zamaz, sozializazio prozesuaz eta rol estereotipoez: jostailuak, jantziak, sexu batekiko eta bestearekiko exijentzia eta espektatibak, iragarki eta komunikabideetan emakumezkoek duten tratamendua... Egia da pausoak eman direla, erakundeek parekidetasunaren aldeko politikak garatu dituztela, errugbian edota arraunean esaterako gauza politak ikusi direla, gure aldarrikapenak gizartean onartuago daudela eta neska gehiagok egiten duela kirola. Dena den, oinarriaz eztabaidatuko bagenu, praktikan berdintasuna ematen ote den ala ez… Aurrerapausoez mintzatzean ez ginateke gehiegi animatu behar. Sentsibilizazio eta formazio lan handia dago egiteke; legedia betearazi eta gaiari merezi duen garrantzia eman behar zaio. Eta aldaketak emateko, ezinbestekoa da horretarako borondatea izatea.
Legedia aipatuta, Eusko Jaurlaritzaren 4/2005 Berdintasunerako Legeak kirolaren inguruko atal bat jasotzen du, hainbat mailatan (federazioetako egitura eta hauteskunde prozesuetan edota eskola-adinean dauden gazteen kirol jardunean) eragiten duten neurriak zehazten dituena.
Berdintasun Legearen artikulu batek dio erakunde publikoek ezin dezaketela diruz lagundu emakumeak diskriminatzen dituen kirol jarduerarik. Oso tresna ona da, marko bat ematen du, baina kontua da, oro har, hori kontrolatzeko nahikoa ahalegin ez dela egiten; gainera, trafiko legea ez bezala, Berdintasun Legeak izaera punitiboa ez duenez… Administrazioek zorrotzago kontrolatu beharko lukete federazioek-eta haien aurrekontuen aplikazioan edota komunikazioan genero inpaktua aintzat hartzen ote duten, hizkera sexista baztertzeko neurriak aplikatu eta parte-hartze programak garatzen ote dituzten… Hori guztia aztertzeko bitartekoak behar dira, ordea. Federazio eta klub batzuek eman dituzte pausoak, baina koordinatu gabeko urratsak dira; ez dago apustu bateraturik. Oinarrizko formazioa falta da, plangintza orokorra egitea, zer eta nola aplikatu jakitea. Ezinbestekoak dira aldaketa estrukturalak. Federazio eta elkarteek ez lukete mehatxu bezala hartu behar, aukera moduan baizik.
Federazioez mintzo zarela, Dorleta Ugaldek, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaritzako berdintasunerako programen arduradunak, Argian egin genioen elkarrizketa batean zioen azken hamar urteetan kirol federazioetako lizentziak ez direla gehitu emakumeen artean, kopuru osoaren %20 izaten jarraitzen dutela, baina neskak bai gehitu direla kirolera, beste modu batzuetan: gimnasioetan, kiroldegian, bere kabuz, taldeka… Ugalderen hitzetan, federazioaren eredua ez zaie ongi egokitzen eta partaidetza zabalagoa bermatzen duen kirolaren ildotik egin dute bidea emakumeek.
Gaztetan, askotan entzuten dugu neskek ez dutela gogoko kirola egitea. Gertatzen dena da, agian, gustuko ez dutena egitura konkretu batzuetan dagoen estiloa dela, edota jasotzen duten tratua. Zenbatetan entzun ote dugu ez garela lehiakorrak? Ez da hori kontua. Neska batzuk lehiakorragoak dira besteak baino; mutilak bezalatsu. Estereotipoak behin eta berriz errepikatze hori…
Planteamendu orokorra izatea garrantzitsua da, ez soilik federazio edota klubek; oro har, kirol politika egiten denean genero ikuspegia aintzat hartzea funtsezkoa da. Beharrezkoa da plangintza eta programaketa generoaren ikuspuntutik egitea –lehiaketetarako datak gizon eta emakumeen beharrak kontuan hartuta zehaztea edota instalazioetan emakumeentzat aldagelak eta komunak egotea, adibidez–, aurrekontuek emakume eta gizonengan duten eragina kontuan hartzea desberdintasunak ekiditeko, erabakitze organoetan parekotasuna sustatzeko mekanismoak ezartzea eta bileren ordutegiak kide guztien beharretara egokitzea, emakumeen eta gizonen lehiaketetarako epaile kopuru bera izendatzea eta guztiek ordainsari bera izatea, emakumeei ez asignatzea sistematikoki ordutegi edo instalazio txarrenak, kirol-arropa erosterakoan emakumeen morfologia kontuan hartzea, hizkuntza eta irudien erabilpen ez sexista egitea, jasotako diru-laguntzak justifikatzea, neskek kirola uzteko dituzten arrazoiei arreta berezia jartzea, hezkidetza curriculumetan sartzea eta abar.
Curriculumean ez egoteak ez du esan nahi lantzen ez denik…
Egia da jende bat lan eskerga egiten ari dela esparru horretan, Jaurlaritzak hainbat plan jarri dituela abian… baina funtsezkoa da curriculumetan sartzea, baliabideak –ezagutza– falta direlako, baita Gorputz Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ere. | news |
argia-fdde00de80df | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/nork-ez-dio-begirunea-euskarari.html | Nork ez dio begirunea euskarari? | Onintza Irureta Azkune | 2015-07-26 | Nork ez dio begirunea euskarari?
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan behintzat, %97ak dio euskara begirunez tratatu behar dela. %14ari berriz, mesfidantza sortzen dio euskarak. Bestelako ondorioak ere atera dira EGODek egindako inkestan: EAEko biztanleen %85ak uste du euskarak balio pragmatikoa duela; %81ak sustatu egin behar dela; eta %61ak aldarrikatu egin behar dela.
Inkesta, asmo zabalagoko egitasmoaren atal bat baino ez da. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak EGOD egitasmoa du abian. Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoen lanketa egitasmoa da. Hizkuntzaren gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jarri nahi ditu HPSk. Horretarako, modu bat baino gehiago erabili dute: inkestak, eztabaida taldeak, adituen foroa eta azterketa bibliografikoa, besteak beste. Bost multzoren gainean egin dute lan: errespetua, balio pragmatikoa, sustapena, aldarrikapena eta mesfidantza.
EGODen lanketan babes handiena jaso duten ardatz estrategikoak ondokoak dira:
- Elkarkidetzan oinarritutako diskurtso euskaltzalea sendotu behar da.
- "Euskara beharrezkoa dela" pentsaeratik, "hizkuntzak beharrezkoak dira" pentsamoldera aldatu.
- Hizkuntza-politika eztabaida ideologikotik, ika-mika zein interes alderdikoietatik ateratzea.
- Ikuspegi identitarioa ikusmolde berrietara zabaldu eta osatu.
- Berezko esanahi komunitarioa, atxiki ohi zaion eremuarena baino askoz zabalagoa da: abertzaletasunaren ikurra izatetik, herritar guztien ikurra izatera jauzi eginez.
- Euskara balio positiboekin eta bizipen gustagarri pertsonalekin lotu.
- Euskararen hautemate eta irudia hobetu, arreta batez ere gazte jendearengan jarriz.
- Hiper-zuzentasuna atzean utzi.
- Gizartean nagusi den euskararen gaineko bortizkeria sinbolikoa gainditzeko estrategia osatu eta abian jarri, horrela hizkuntza menperatua izatearen konplexua astintzeko eta hizkuntza horretan duintasunez bizi ahal izateko. | news |
argia-e3b876026d8b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/kooperatibagintza.html | "Kooperatibagintza zer da, erresistentzia ala alternatiba?" | Estitxu Eizagirre | 2015-07-26 | "Kooperatibagintza zer da, erresistentzia ala alternatiba?"
Hirugarren iraultza industrialean gaude. Horixe azaldu zuen Joan Subirats Humet katedradunak uztailaren 15ean, Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiak antolatutako jardunaldietan. Kooperatibagintzaren egungo galderak pausatu zituen.
"Kooperatibagintzak krisi garaietan irauteko gaitasun handiagoa du gainerako enpresek baino, koste sozial gutxiago eragiten dituelako kapitalismoak baino. Baina kooperatibagintza zer da, erresistentziarako tresna edo alternatiba?" Horra pausatutako lehen galdera. "Alegia, gakoa zer da, hobeto irautea? edo bada beste borondaterik? Birpolitizatu dezakegu kooperatibismoa? Eztabaidatu dezakegu nork irabazten eta galtzen duen erabakiak hartzen ditugunean? Arautu dezakegu berriz kostu eta irabazien banaketa?". Ekonomiaren zentzua eztabaidatu beharra azpimarratu zuen: "Egia handi bat balitz moduan onartzen dugu esaldi hau: 'Proiektu hau ekonomikoki ez da bideragarria'. A ez? Ekonomiaz zuk duzun zentzuaren arabera izango da!".
Orain egiten ez badugu noiz egingo dugu bada?
"Galderak birplanteatzeko garaia da. Hirugarren iraultza industriala bizitzen ari gara: Ekoizteko moduaren aldaketak eragindako gizarte aldaketa handi baten aurrean gaude". The Economist en Hirugarren iraultza industriala artikulua oinarri hartuta birpasatu zituen XVIII. mendean bapore makinak ekarritako lehen iraultza industriala, 1903an masa produkzioa ekarri zuen fordismoa, eta hona hemen hirugarrena, Interneten sorrerak eragindakoa: "Dena ari da eraldatzen, aldaketa teknologiko horrek posible egiten duelako produkzio sakabanatua. Egun artxiboek bidaiatzen dute eta ez produktuek. Zer eragiten ari da? Kapitalismo industrialetik kapitalismo finantzierora pasa gara. Jada aberastasuna sortzeko oinarria ez da produzitzea (demagun, zubi bat eraikitzea). 24 orduz zabalik dauden burtsetako diru mugimenduen operazioekin pilatzen dute aberastasuna".
Hobe da lehiatzea kooperatzea baino?
"Sistema kapitalistaren erantzuna da beti dela hobea lehiatzea. Hirugarren iraultza industrial egoera honetan, kooperatzea eraginkorragoa dela dioenik bada. Interneten demagun, kooperazioak dakarren hobekuntza gaitasuna handiagoa da, lehian oinarritutako sistema itxiena baino: Wikipedia beti izango da hobea Britainiako Entziklopedia baino (azken hau itxi egin zuten). Wikipedia geldiezina da. Wikipedia jendearen ekarpenarekin etengabe elikatzen doa eta ondasun komuna da. Bere jabegoa izatea baino garrantzitsuagoa da sarbidea izatea. Internetek dakarren kooperazioa, kode irekia, etengabeko hobekuntza, elkarrizketan dago kooperazioarekin? Ezagutzen ditudan Kataluniako esperientzietan, ez. Aldiz, Interneteko logikarekin eta merkatuaren logikatik kanpo sortu diren hainbat dinamikek naturalki hartu dute kooperazio eredua". | news |
argia-8e47d355f1ba | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/berdintasuna-kirolean.html | Sakoneko aldaketarik ezean, pauso bi aurrera eta bat atzera | Jon Torner Zabala | 2015-07-26 | Sakoneko aldaketarik ezean, pauso bi aurrera eta bat atzera
Kirola da gizon eta emakumeen arteko berdintasunik eza gehien nabarmentzen den esparruetako bat. Pitzadura hori hamaika faktorek elikatzen dute: jaiotzen garen unetik bertatik neska eta mutikoak berdin ez gizarteratzea –sozializazio modelo diferenteak–, kirolak itsatsirik dituen baloreen aurrean maskulino-femenino estereotipoak gailentzea, komunikabideetan urri agertzea eta emakumezkoen kirolean profesionaltasunik apenas egotea, besteren artean. Hainbat autorek dioen bezala, "berdintasunaren ameskerian" bizi gara. Maiz horren kontzientziarik ez izan arren, desberdintasunek indarrean jarraitzen dute, emakume kirolariek gainditu beharreko trabak medio. Agian ez dira hain ageriko oztopoak, zeharkakoak baizik, baina neskak kirolera atxikitzeko orduan berebiziko garrantzia dute.
LARRUN honetan ideia bat nabarmendu nahi genuen: jende baten ahaleginari esker berdintasunaren alde pausoak eman dira azken urteotan, baina, tamalez, kirol arloan (ere bai) hutsune asko dago oraindik betetzeke. Ordea, EHUko irakasle Matilde Fontechak Berdintasuna kirolean: erronka berriak pasa den hilean Bilbon egindako jardunaldietan zuzendu zizkigun hitzek balazta zapaltzera bultzatu gaituzte: "Ohikoa da esatea hoberantz goazela, gero gehitzeko gauza asko dagoela egiteke. Ez dezagun geure burua engainatu, hortik jota nekez aldatuko dugu egoera. Hel diezaiogun auziari feminismoaren ikuspuntutik. Kirolak ezinbestekoa du sakoneko eraldaketa, humanizatu eta emakumeen gaitasunei buruzko bere antigoaleko sinesmenak moldatzea. Hausnartu egin behar dugu gizarteko esparru guztietan berdintasunaren arloan gertatzen ari den atzerapausoaz, neosexismoaren azaleratzeaz, 'sexu ederraren' idolatriara itzultzeaz, eta atzeraldi hori kirol jardueran agertzeko moduaz. Kirol-erakundeetan emakumeak gutxiengo gisa hartzen dira, eta ez gizonen eskubide berberak dituzten herritartzat. Generoa eraikuntza kultural bat dela kontuan hartuta, kirolaren eta genero-rolen arteko erlazioari heldu behar zaio, eta gizarte-harremanen sistemak nola funtzionatzen duen aztertu, sistema horrek emakumeak gizonak baino okerrago kokatu eta femeninotasun eta maskulinotasunaren kontzeptuak zehazten dituen heinean".
Horretan ahalegindu gara, Eusko Jaurlaritzak 2010ean plazaratutako Goi mailako emakumezko kirolarien egoeraren azterketa genero ikuspuntutik txostena (pdf) abiapuntutzat hartu eta haurtzaroraino bidaiatuz, gogoan izanik neska eta mutilak jaiotzatik sozializazio modelo desberdinen arabera hezten direla, eta horrek eragina duela gerora bakoitzak ariketa fisikoa eta kirolarekiko izango duen jarreran, zenbait adituk azaldu duenez. Ainhoa Azurmendi izan dugu bidelagun, Avento aholkularitza enpresako kide, kirolari, berdintasun gaietan aditu eta aipatu ikerketa-lanaren egileetako bat. Halaber, elkarrizketa egin diogu Mikel Ibargoien Info7 irratiko Kirol leihoa saioaren gidariari, eta zenbait emakume kirolariren testigantzak ere jaso ditugu, entzundakoak batzuk, han hemen arrantzatutakoak besteak.
Kirolerako sarbidea, haurtzarotik mugatua
"Kirola tradizioz gizonezkoen eremua da", dio txostenak, 2009an BAT (Basque Team) fundazioaren beka lortu zuten 25 emakume eta 28 gizonen bizipenak ardatz dituenak: "Sexu bakoitzari jartzen zaizkion estereotipoak bere egiteaz gain, emakumeek kirolean duten presentzia urria justifikatu eta betikotu egin du, neskek kirola egiteko, lehiatzeko edo esfortzu fisikoa egiteko gai ez diren ustean oinarrituta. Aitzitik, gaitasunari eta trebetasun fisikoei dagokienez, argi geratu da gizonezkoen ustezko nagusitasun horrek, funtsean, arrazoi kulturaletan eta heziketan duela jatorria. Hala ere, emakumeek diskriminaturik jarraitzen dute kiroleko maila guztietan. Izan ere, gaitasun fisikoak garatzeko emakumeek ahalmenik ez dutela dioen mito horrek bultzatuta, gizarteak beste zenbait ideia ere legitimatu ditu: interes falta, arriskua ekiditeko joera edota eraginkortasunik ez izatea kiroleko arlo desberdinetan, izan hura praktikatzean, kudeaketa edota zuzendaritza postuetan, zein epaile-lanak egitean, besteak beste".
Halaber, emakumeei kirolerako sarbidea haurtzarotik mugatzen zaiela eta horrek jarduera fisikoaren "efektu onuragarri eta pozgarrietatik kanpo" uzten dituela nabarmendu dute Ainhoa Azurmendi eta Juan Manuel Murua azterketaren egileek: "Sartzea lortzen dutenean ere, haien lorpenak gutxietsiak izaten dira eta ageri-ageriko diskriminazioa jasaten dute; esaterako, kirol erakundeek baliabide gutxiago ematen dizkiete, eta kalitate txarragokoak gainera".
Goi-mailako kirolariek izan dituzten oztopo eta zailtasunak ezagutze aldera, derrigorrezkoa da aspektu psikosozial guztiak kontuan hartzea, Jaurlaritzaren azterketak azpimarratu duen bezala:
Sozializazioa : Neskato eta mutikoek sozializazioaren bitartez ikasitako jokabideez gain, sexu bakoitzari lotutako estereotipoek ere eragina dute kirol mota aukeratzean eta aukeratuko duten kirolaren iraupenean. Geroz eta gehiago dira estereotipoak bazter batean utzi eta berez gizonezkoentzat ei ziren kirolak praktikatzen dituzten emakumeak. Dena den, kirol hauetan parte hartzen duten emakumeen aldetik jarrera maskulino bat espero da gaur egun ere.
Estereotipoak : Maskulinitatearekin lotutako estereotipoak ez bezala (oldarkortasuna, lidergoa, anbizioa, lehiakortasuna, erresistentzia…), emakumeari atxikitzen zaizkionak (esanekoa izatea, amatasuna, pasibotasuna, menpekotasuna, samurtasuna...) ez dira kirol-errendimendu handiko aktibitatearekin lotzeko moduko ezaugarriak. Ondorioz, lehiaketazko kirola gizonezkoen ezaugarriekin identifikatu izanak gatazka eragin du errendimendu-kirolean ari diren emakumeengan.
Maskulinizazioa : Emakume kirolariek maskulinizazioa betebehartzat dute kirol arloan emaitza onak eskuratu nahi badituzte; emakumezko kirolari batzuek, maskulinizazioa gorputzeko muskuluak lantzearekin lotzen dute, feminitatea galduz. Eta haien feminitatea ziurtatzeko, bere burua 'apaintzen' dute belarritako, makillaje, takoi eta antzekoen laguntzaz.
Egiturak eta erakundeak : Emakumeak egiturazko eta antolaketazko zenbait oztopori egin behar die aurre kirol ibilbidean, batez ere federazioei eta klubei dagokienez, kiroletan parte hartzea zailtzen die-eta: gizonezkoek baino babes ekonomiko txikiagoa jasotzen dute, ordutegi eta instalazio txarrenak ematen zaizkie, okerren prestatutako entrenatzaileak...
Babesa : Goi-mailako kirolari izatera iritsi diren emakumeak, edo kirola izugarri maite duten emakumeak izan dira, desberdintasunez betetako inguru baten, kontziente edo inkontziente izanda, oztopo guztiak gaindituz aurrera egin dutenak, edo kirol arloan dituzten gaitasunekin ohartuta, familiaren eta egituraren laguntza izan dute. Guraso askok, kontuari garrantzi handirik eman gabe, ontzat ematen dute haien alabek kirol-jarduna alde batera uztea. Alabek eurek onartzen dute kirola gaztaroko kontua baino ez dela, ez dutela etorkizunean lanbide izango, eta geroari begira errentagarriagoak izango diren ekintzetan ematen dute denbora.
Profesionalizazioa : Eliteko kirolaren eredu hegemonikoak irentsi egin ditu goi-mailako emakumezko kirolari asko; nahiz eta ez diren jasandako desberdintasunez jabetzen –dauden lekura heltzeko jaso dituzten laguntzak medio–, badira kontraesanak haien adierazpenetan. Profesionalizazioari buruz hitz egitean, adibidez, "utopia" bat dela onartzen dute.
Ereduak eta komunikabideak : Emakumeentzako eredu eta erreferente faltak ere badu eragina neskatoengan geroari begira. Hedabideek nesken lehiaketen berri ematea ezinbestekoa da haien lorpenak ikusarazi eta emakumeak kirola egitera bultzatzeko, sarri ez baitaukate nori begiratu. | news |
argia-fb8776b2f9e7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/opportunity-hamaika-urte-marteko-gainazalean.html | Opportunity, hamaika urte Marteko gainazalean | Joxerra Aizpurua | 2015-07-26 | Opportunity, hamaika urte Marteko gainazalean
2004ko urtarrilaren 25ean, Opportunity robotak lanari ekin zion Marteren gainazalean. Lehenik Arrano izeneko kraterra aztertu zuen, eta ondoren Victoria kraterreko harkaitzak ikuskatu zituen.
Azkenaldian Endeavour kraterrean kokatu da Opportunity . NASAk jakinarazi duenez, Marten daramatzan hamaika urteetan maratoi baten distantzia (42,195 kilometro) ibili da robota. Lurretik at inoiz robot batek egindako distantziarik luzeena da, eta hori ospatzeko, espazio agentzia estatubatuarrak zortzi minutuko bideoa sareratu du. Opportunity -n kokatutako lau kameretako irudiak ikus daitezke bertan, bai Marteren gainazaleko panoramikak, hala nola robotak bidean topatutako oztopoak.
NASAk adierazi duenez robota egoera onean dago oraindik, baina baditu arazo informatiko batzuk; memoria arazoak, zehazki. Gauero ezabatzen omen du bildutakoa, baina hori ez omen da larria aurrez Lurrera transmititzen duen bitartean. | news |
argia-2cbc9d824323 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/egunbereko-alarguna.html | Lorearen muin zitalak | Itxaro Borda | 2015-07-26 | Lorearen muin zitalak
Egun bereko alarguna anitzetan hautematen da, Zuberoan bederen, edozein adinetako abeslarien ezpainetatik isurtzen. Maddi Oihenartek adibidez zuzenean ematen duenean, emozioa gora doa, mailaz maila eta ahotsa beti perpaus zati berdinarekin behaztopatzen da: "zitru urez üküzten nizün astian egün batian"… xuxurlatzear dagoelarik. Hamazazpigarren mendeko krimen honen lekukotasun poetikoak erraiak nahasten dizkigu oraindik ere.
1633ko uztailaren 8 hartan, besta erraldoia ontsa aitzinatua zen Garazitik eta Basabürüatik hurbildu gonbidatu parrasta liluratuaren pozerako. Atabalak lagun, txülülak eta txistuak erotzen zihoazen. Bertsolariak zoko batean zeuden, etxeko jaunak libertitzeko gaiak noiz emango zizkien aiduru. Zerbitzariek ez zekiten nola burutze egin berotzen ari ziren gizon eta emazteen artetik lehiatzeko. Zaroko Lohitegi sendia Altzaiko Irigarai familiarekin uztartuko zen, Pierra eta Gabriela ezkonduz gero. Nehork ez zuen huts egin nahi bikote gaztearen alaitasuna partekatzeko ordua, nahiz eta gizona hartu zuenean Gabrielak dagoeneko hogeita hamar bat urte zituen.
Adinaren florian, Gabriela ez zen edonor. Zaro, Aintzila, Ipartze eta Larzabaleko Santa Mariako jauna eta Nafarroako Parlamentuko kide zen aita ohoretsuaren alabak dote ederra ekarriko zion Altzaiko eta Mendikotako Cazenaveren ondorengoa zen Pierre Irigarai noble apalari. Eztei-itunez 1.875 librako dirutza eskuratu zuen senarrak.
Altzaiko plaza irekian alegrantzia ikusgarria zen! Gabrielaren begitarteak ez zuen zoriona ukatzen, zetazko jantzi zuriarekin, fura-furan eta firin-faran, agurrak eta besarkadak banatzen zebilen, irri sanoak edertzen baizik ez zuela. Etorkizuna eskura zuten, osasuntsu eta aberats ziren biak ala biak. Ingurukoak ez ziren arrangura, basoak altxa eta huts ari zirela, zaratarik airosenean:
Goizian goizik jeiki nündüzün
ezkontü nintzan goizian;
Bai eta ere zetaz beztitü
ekhia jelki zenian.
Etxekandere zabal nündüzün
egüerdi erditan…
Jean Dominique Sallaberry (1837- 1903) musika eta bertso ondare biltzaileak jarri zuen bere bilduma ezagunean 1870ean. Ordura arte ahotik ahora pasatu zen, belaunaldi batetik bestera. Aitzinako eresietan bezala, honetan ere, olerkari herrikoiaren gauzen labur eta on errateko trebetasunaz ohartzen ahal gara: ele bakaneko lau koplatan mundu bat moldatu zuen, ahantzi ezina. Hori baino gehiago, aditzen dugun bakoitzean negarra begira jauzi arazten digu… Bertsolaria, Gabrielaren baitatik mintzo da, lehen pertsonan, kontakizuna intimitate batetik harilkatuz. Irudi zinez azkarrak direla medio txertatzen ditu gertakari latzak aditzaileen memorietan. Amaren Alabak taldeko neskek grabatu zuten lehen diskoan eta ardura eskaintzen dute, modu moderno batean, Euskal Herriko taula gainetan.
Goizetik arrats halatan bizitza baten tragedia garatu eta zartatu zen, goizean goiz jaikitzetik ekhia sartu zeneraino. Bere jantzien aipamenetik ezkongaiaren poza irudikatu dezakegu eta haren estatutu soziala halaber, Txinako oparotasuna eta eztitasuna oroitu arazten duen zeta karioz beztitua zelako. Derragula 1271tik aitzina zetaren bidea ezaguna zela. Marco Poloren itzaletik, merkatariek oihal preziosoa garraiatzen zuten ekialdetik, Europako aristokraten arropak josteko.
Bigarren eta hirugarren kopletan dator senar emazteen solasaldia. Jadanik hiltzen ari zen Musde Irigaraik burua makur zetxikan eta horrek andrea beldurrez hormatu zuen, bien arteko amodioaren naturaz kezkatzen zela. Emakume senezko susmoak zituen, zerbait ongi ez zihoala alegia:
Musde Irigarai, ene jauna,
altxa izadazüt büria
Ala dolützen ote zaizü
enekila ezkontzia?
–Ez, etzitadazü dolützen
zurekin espusatzia,
ez eta ere dolütüren
bizi nizano maitia.
Altzaiar gazteari herioaren unearekin batera etorri zitzaion aitortzaren tenorea. Gabrielaren altzoan erdi-etzana, azken hatsa ematean, sekretuan ikusten zuen maitale bat zeukala salatu zion. Isilik eta gordean zeraman harremana, erantsiz zeruetako jainkoa baizik ez zegoela jakinean. Arrazoia zuen Gabrielak Pierraren amodioaz zalantza egiteko: ezkontza konbeniozkoa izan zitekeen, garai haietan ohitura zenez, gurasoek antolatua, ardita ozenen truke.
Nik banizün maitetto bat
mündü ororen isilik,
Mündü ororen isilik eta
Jinko Jaunari ageririk;
Buket bat igorri ditadazüt
lili arraroz eginik.
Lili arraroz eginik eta
erdia pozoatürik…
Krimenaren arma zein zen azaldu zion senarrak xehetasun franko eskainiz: lore sorta edo lili buketa zitala. Italiarrek landu zuten maisuki lili pozoituen alorra. Teknika, belagile ibiltarien bidez, etorri zen Frantziako gortera. Aristokraziaren hoberena, orduan ere, jendarte arruntera heltzen zen agudo. Berpizkunde aroan asko eta asko zendu ziren molde leun eta eroso honez: aita sainduak, erregina turkiarrak, Shakespearen eskutik Hamlet Danimarkako erregea eta Altzaiko Musde Irigarai bere ezkontza-egunean:
Bai eta ere alargüntsa gazte
ekhia sartü zenian…
Agripa D'Aubigné (1552-1630) historialariaren arabera Labriteko Joanak antzeko heriotza jasan zuen, 1572an Parisen semearen ezkontza handiosa apailatzen ari zela: Medizistar Katarinak, funtsean makiavelikoa zenak, pozoitutako eskularruak oparitu zizkion. Sukar latzak gatibatu zuen Nafarroako erregina alderraia. Lau gau eman zituen hiltzen, sufrikario garratzetan. Legenda hau ez da gehiago nehon agertzen, biriketako minak akabatu zuela dioelako engoitik bertsio ofizialak. Baina D'Aubigné poeta egona zen Nafarroako lurretan, hainbat miresten zuen erregina defuntuaren zerbitzuan.
Zein ziren bada Irigarai jaunak aipatzen zituen lili arraroak? Sasietan, larretan, denetan aurkitzen dira udaminean biltzen eta neguan idortzen uzten diren loreak. Haietako pare baten lanjerostasuna ezaguna zaigu: astaperrexila, belladona eta txarpoila bereziki, xendra ertzetan, han hemen ikusten direnak. Haurtzarotik lore mota horiek ez ukitzen irakatsi ziguten etxekoek. Herritarrek buketa zitalak egiten zekiten aristokraten aholkurik gabe.
Bukaerako koplak zirrara distilatzen du gorputzetan. Errealismoz bete hitzak datoz bertsolariaren ahotik. Herioaz eta eromenaz haratagoko eremu uher batean gaude: herioa bizitzarekin zizare dantzan dabil…
–Zazpi urtez etxeki dizüt
gizon hila ganbaran;
Egünaz lür hotzian eta
gaüaz bi besoen artian,
zitru urez üküzten nizün
astian egün batian.
Astian egün batian eta
ostirale goizian!
Alargundu zen Gabriela. Irigarai familiak dotea Lohitegitarrei itzuli zien berehala, biharamunean bertan. Bakartasun horretan andreak, pena gainditzeko, erritual makabroa eraiki zuen, mistikoa eta epikoa batera. Lizuna halaber: bere senarra ganbaran atxiki zuen zazpi urtez, egunaz lur azpi hotzean eta gauez bere besoen artean. Fideltasun izugarria. Miresgarria. Okaztagarria, kontuan hartuz usteltzeak berea egiten jarraitzen zuela.
Zazpi zenbakia, urte denbora neurria, astea ekinaren errepikakortasuna indartzeko eta fededunek errespetatzen zuten ostirala hilotzaren garbiketari ekiteko eguntzat erabiliz bertsolariak giro mitikoan kokatzen gaitu. Ostiraletan alabaina, mehe eginez, ez zen haragirik jaten. Gabrielak, arrastirian, senarra biluzten zuen eta elikaduren kontserbatzeko egokia zen zitroin urez ikuzten, astiro eta maitekiro. Beharbada alarguntsa gazteak medikuei eskatu zien Musde Irigarairen gorpua baltsamatzea, maitasunak bezainbeste iraun zezan, edozein baldintzatan.
Jean de Jaurgain XIX. mendeko ikerlaria Zuberoako Legenda Poetiko Zenbait liburuxkan, artxiboak arakatuz, Gabriela Lohitegiren bizitzak nolako destinoa eduki zuen kontatzeko gai izan zen: hamabost urtez eraman zuen Musde Irigarairen dolua eta kasik mende erdia kunplitzean, Muskildi eta Urdiñarbeko Ahetze jauretxeko jaunarekin ezkondu zen 1648an. Adin aitzinatuagatik, zurubi sozialean hupatu ziren hiru haur ukan zituen. Hondarrean, 1688ko apirilaren 27an, laurogeita sei bedatsetan hil zen heriorik lasaienean.
Eta kantaren ikara gugan... | news |
argia-2760c99e4911 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/tourra-fikzioa-da.html | Tourra fikzioa da | Joanes Etxebarria | 2015-07-26 | Tourra fikzioa da
Ariketa arriskutsua da, kazetaritzan debekatua. Halere, aztia izan gabe ere, iragarri daiteke idazterako orduan oraindik gertatu ez dena. Tourra Mauletik pasa beharko litzateke arratsaldeko hiruretan. Tenorea okerra da beharbada irakurketaren orduan, baina ziklistak Mauletik pasa ziren.
Fikzioa ez dena, bezperako hedexurien joan-jinak dira. Frantziako Tourrarentzat, Frantziako polizia behar zen. Euskaldun matrikula espainoldun batzuk mendian gora, euskaldunak zirela erakusteko intentzioz; Maulen geldialdi bat, presoen aldeko banderola batzuk hartu, eta abanti. Eta gu hemen, Frantzian galduak. Tourraren pantailaren Frantzian harrapatuak.
Tour egunean –hau bai iragarpena dela idazterako orduan–, euskal preso eta iheslarien aldeko bertso poteoa egin genuen. Normalean, jendeak ikusten gaitu, gure kolore, musika eta doinu. Aurten, susmoa dut publizitate karabanako punkytzat hartu gaituztela ostatuz ostatu genbiltzala. Amorru puntu bat ematen badit ere, zerbaitek goxatzen dit herra: ziklistak haien kameraz lagundurik Mauleko Victor Hugo karrikan pasa zirelarik, ez ginen konturatu ere, bertsoak entzuten genituelako Zinka ostatuan. n | news |
argia-d5273499ca71 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/nafarroa-arabiarra.html | Nafarroa arabiarra | Jakoba Errekondo | 2015-07-26 | Nafarroa arabiarra
"Galderak zabaltzen du bidea", dio Argia aldizkari honetako lagunek iaz egindako elastiko batek. Maiz janzten dut, bereziki zenbait lagunen aurrera joan behar dudanero; lagunak ez diren lagunak, gehienetan. Etengabe ikasteko joera duena nahi izaten dut aldamenean, ukalondoa sartu eta lotsagorritu beharragatik ere aurrera begira dagoena.
Holaxe nabil ni noan toki guztietan. Nafarroa Beherean atzo, Ainhize-Monjolosen, Laborantza Ganberako lagunekin. Han ezagutu dut Manex, Manex Lanatua, Xumilenea etxeko zurgina, Ahatsako poeta ahatsarra. 31 urte badira Itxaro Bordak, Argian bertan, Hegatz urratua haren liburuari buruz zera esan zuela: "Oraintxe bertan eskuratu dugu zoramen bat, bai forma aldetik, bai mamiaren aldetik. [...] Mamia ere hein berekoa da: sentitzen da sei poema horietan, libertate haize batek lerroak oro zoratzen dituela. Artzain izanak, eta ebanista denak ez zezakeen noski bestela egin". Artzain-ebanista-poeta... Haren paisaia kulturalari buruz atertu gabe galde egin dakiokeen horietakoa. Jakintza iturri agorrezina...
Manexek arabiera ikasten ari dela esan bezain pronto heldu genion euskaldunok hizkuntza eta kultura horri diogun zorrari. Alkandora bezala, arabiar jatorriko hitz ugari dugu ahotan. Euskal nekazaritzak asko ikasi du arabiarrenetik. Landare mordo bat ekarri zuten guregana, baita haiek hazteko teknikak eta jateko eta maniatzeko erak ere.
Arabiarren fruitu kuttunenetakoa alberjinia da, Solanum melongena . Teoria bat baino gehiago dago landarea eta haren izenak guregana iristeko egindako bideari buruz. Izenak behintzat, itxuraz, euskaratze bidezidor dotorea osatu zuen: India aldeko vatinjana , Pertsiako badingan , arabiar al-badinjan , katalanaren alberginia , frantseseko aubergine eta gure alberjinia. Bide horrez bestekoa egina izango du Manexek erakutsi didan landare beraren beste izen dotoreak: "itsas udarea". Lurrez besteko biderik egin ote du landare horrek guregana iristeko? Itsasoz harantzagoko jatorria adierazi nahi ote du izen horrek?
Euskal Herri atlantikoan, baratzezaina ona den jakiteko alberjiniak ondo ematea lortzen duen edo ez galdetzen da. Hemengoa ez eta fruitua ematea zaila delako seinale ederra.
Gure azoketan onartua izan aurretik makina bat gorabehera ikusiko zituen imigrante honek. Paperak eman aurretik, osasunerako txarra zela eta zenbat kontu eta komeria ibili ditugu euskaldunok fruitu honekin! Orain azoka guztietan. Arabiar al suq hitzetik omen datorren azokan. | news |
argia-be506eaff80a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/mugimendu-feminista.html | Hiru belaunaldi, hiru kontakizun | Onintza Irureta Azkune | 2015-07-26 | Hiru belaunaldi, hiru kontakizun
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika idatzi dute Edurne Epeldek, Miren Arangurenek eta Iratxe Retolazak (Gure genealogia feministak liburua). Feminista militante bakoitzak konta lezake berea. Guk hiru belaunalditako kideei eskatu diegu haien argazkia ateratzeko. Epelde eta Arangureni, Anabel Sanzi eta Maite Axiariri sei galdera egin dizkiegu: haien garaiko aldarrikapenak; mugimenduaren erakundetzea; mugimenduaren indarra eta prestigioa; jendarteak zertan egin duen aurrera; eta zertan egin duen atzera.
1 - Zein ziren zuen garaiko aldarrikapenak?
Maite Axiari. Garai hartako giroa aipatuko dut. 20 urte nituen 1968an eta bi urte lehenago Bordelera joan nintzen estudioak egitera. 21 urterekin ginen adinez nagusi eta estudianteen bizitegiak ez ziren mistoak, baziren alde batetik neskatoenak eta bestaldetik mutikoenak. Lehenbiziko errebolta, 1967an, mistotasuna lortzeko izan zen. Bestalde, oroitu behar da kontrazepzio pilula legala bihurtu zela 1967an. 1968ko estudianteen mugimendua gai horiekin hasi zen Frantzian.
Hortaz gain, emakumeen askatasuna alor guztietan aldarrikatu genuen: lehenik, familietan eta adiskideen artean etxeko lanak partekatzea. Bigarrenik, autonomia ekonomikoa lortu: gure ofizioa hautatu nahi genuen, estudioak egin... Ekonomikoki independentzia lortzea biziki inportantea zen enetzat eta denbora hortako neska gehienentzat... esposatzen baginen ere. Frantzian, 1965etik goiti bakarrik lortu zuten emazteek haien kontu korrontea ukaiteko eskubidea, senarraren baimenik gabe. Urte berean lortu zuten ofizio bat hautatzeko eskubidea, laneko kontratu bat izenpetzea senarraren baimenik gabe! Hirugarrenik, gure buruen jabe nahi genuen izan, neskek ez genuen gure amak bezala bizi nahi. Laugarrenik, lanean soldatak igoalak nahi genituen, eta hortakotz legeak kanbiatu behar ziren. Bosgarrenik, astialdian: lehen, emazteak bakarrik ateratzen baziren, huts bat sentitzen zen, ez bazen gizonik taldean ateratzeko. Ez zen hain ontsa, gutxiesten zen. Hori aldatu dugu. Seigarrenik, gizonen boterea agertzen zen alde guztietan: talde politikoetan, sindikatuetan. Botere jokoak ziren gizonen artean ere, baina bereziki gizon eta emazteen artean. Postuak, ardurak, aiseago hartzen zituzten gizonek. Aldatzen ari da, baina bada oraino egiteko! Zazpigarrenik, kontrazepzioa eta abortua: MFPFri (Emazteen mugimendua eta familia plangintza) esker, pilula lortu zen legalki 1967an. Legea gauza bat da, baina lan anitz zegoen egiteko mentalitateak aldatzeko, bakoitza bere buruan libre izateko, noiz ukango duzun haur bat edo ez ukaitea ere hautatzeko. "Gure gorputza gurea da", erraten genuen, eta abortatzeko eskubidea ere aldarrikatu genuen.
Anabel Sanz. Basauriko mugimendua oso indartsua zen eta buru-belarri sartu nintzen, erabat liluratuta, institutuan hasi bezain pronto. Nerabetan, hormonak aztoratuta, gorputzari eta sexualitateari buruzko mezua, jarrera eta diskurtsoa ikaragarria iruditzen zitzaidan. Sexualitatea gai ahaztezina izan da.
Lana eta lanaren sexu banaketa, ibilbide luzea izan duen gaia izan da. Denboraren erabilera edo zaintza, gure garaiko gaiak izan arren, gaur egun ere lehentasunezkoak dira. Indarkeria matxista, abortua, elkartasun feminista, sexu aniztasuna, identitatea eta feminismoaren subjektua gure agendan daude betidanik eta betiko.
Miren Aranguren eta Edurne Epelde. Gu hasi ginenean, adierazteko modua emakumeen eskubideen alde egitea zen. Emakumeen Mundu Martxak eskubideen aldarrikapenerako tresna oso baliagarriak ziren. Pobrezia eta indarkeria sexista izan ditu oinarri, eta horiek izan dira gure jardunaren oinarri ere. Pobreziari tiraka baserritarren egoeraz, lan feminizatuez, gazteen egoeraz, migrazioen eraginaz, zaintzaren krisiaz… jarduteko aukera izan dugu. Indarkeriarekin berdin, osotasunean landu dugu (ez etxekotzat hartuta) eta alternatiba landu dugu: autodefentsa feminista. Mundu Martxari esker hasi ginen, adibidez, erailketak kalean salatzen.
2 - Zer iritzi duzue mugimenduaren erakundetzeaz?
Maite Axiari. 1981ean Frantzian presidente hautatua izan zen Mitterrand sozialista eta ezker mugimenduetan esperantza bazen, pentsatuz gauzak aldatuko zirela aiseago sozialistekin. Bestalde, anitz denbora pasa genuen militantzian, eta mugimendua pixka bat utzi genuen.
Emazteen Eskubideen Ministerioa sortu zen memento hortan eta ofizialtasun horrek emazteen egoera aldatzen ahal zuen. Horrek, ene ustez, alde batetik indartu ditu emazteen eskubideak jendarte guzian, baina bestaldetik, ez du emazteen askatasunaren mugimendua aski sostengatu, eta emeki-emeki apaldu da.
Anabel Sanz. Oso nabaria izan da: feminismoak proposaturikoa instituzioek hartu dute beretzat, eta urardotu ondoren, berdintasun bihurtu dute.
Egoera ez da beti berdina, eta ikuspuntu teknikoa eta politikoa borrokan daude. EAEn behintzat, teknikoki feminismoa dezente sustatu da eta nabarmena da. Baina horrek ez du esan nahi politikoki jarraitzen gaituztenik. Adibidez, Emakundek, arartekoak eta pasa den legegintzaldiko Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero egin dute bat Hondarribiko alarde mistoarekin, baina Emakunderen alderdiak, EAJk, alarde tradizionala babesten du.
Zaintza partekatua da beste adibide bat. Emakundek adierazpen oso garbiak egin arren, ez dute ezertarako balio, ez orokorrean, ezta bere alderdian ere. Feminismoa alderdien agendan dago, komeni zaienean. Hala ere, feminismoak gauzak aldatzea posible dela agerian utzi du.
Miren Aranguren eta Edurne Epelde. Hasieratik izan da Bilgune Feministan gai garrantzitsua. Azken urteetan gertatu denaren kontakizun amankomunik ez dugu. Kontua ez da feminismoaren instituzionalizazioa, baizik eta feminismoak erakunde publikoekiko zer? Udaletako kontseiluetan parte hartuko al dugu? Erakundetzeak alde onak eta txarrak izan ditu. 1990eko hamarkadan erakundeek garrantzia hartu zuten eta mugimendu feminista militantez hustu zen. Erakundean ari den feministak ez dauka talde feministak daukan askatasuna. Gauza oso interesgarriak egin dira erakunde publikoetatik, ezin dituzu guztiz alde batera utzi. Herri batzuetan oso erraza zen udal kontseilura ez joatea eta beste batzuetan ez hain erraza. Egokitzen joan behar izan dugu.
Feministen profesionalizazioak kategoria berri bat sortzea ekarri du: "Dakitenak" eta "ez dakitenak", feminista adituak eta ez adituak. Lanbide bihurtu da. Lehen feminismoa kalekoa zen eta orain espazio gehiagotara zabaldu da. Oso ondo, baina kalekoa galtzen ari da.
3 - Indarrez nola dabil?
Maite Axiari. Apal atzematen dut mugimendua, beharrik gazte batzuek elkarte batzuk sortu dituzte, eta badakite emazteen eskubideen alde lan egin beharko dutela hemendik goiti.
Halere ohartzen gara, mugimendua ez bada bizi ere lehen bezala, bere hegoak ez direla ebakiak izan. Zerbait gertatzen bada, berehala izaten ahal da oldartzea. Adibidez, aurten Frantziako Lan ministroak lege bat aldatu nahi zuen: urtero enpresa guziek badute obligazioa gizonen eta emazteen laneko baldintzen diagnosia egiteko eta oraingo ministroak obligazio hori kendu nahi zuen. Lege horretan parte hartu zuen ministro emazteak internet bidez jendea abisatu du eta berehala bildu ditu sinadurak.
Hortakotz, 2000. urtetik Euskal Herriko Emazteen Kolektiboarekin gauza ttiki batzuk antolatzen ditugu.
Anabel Sanz. Euskal Herriko mugimendu feminista bizirik eta oso indartsu dago, eta Estatukoa ere bai. Baina gurea gorenean dago, momentu honetan formatzeko aukera ugari daude. Agian, formatzeko lekua aldatu da, nire garaian talde feministak besterik ez geneuzkan. Gaur egun, ordea, masterrak daude, jabekuntza eskolak eta abar. Teoria feminista ikastea eta ezagutzea inportantea da, baina, hori baino askoz garrantzitsuagoa da argi izatea aktibismo politikoa ezinbestekoa dela.
Gainera, bestelako jendea agertu da, feminismoaren (edo elkartasunaren, ekologismoaren…) kontsumitzaileak, hitzaldietara joaten dira, eta ondo badatorkie manifestazio batera… Baina ez daude taldeetan eta ez dute buruan nola egin gauzak aldatzeko. Jarrera horrek kezkatzen nau.
Orokorrean gauza asko, politak eta oso politikoak egiten ari dira: berrienak Klitto proiektua, gorputz grafiak, feministen arteko eztabaidak, Emakumeen Mundu Martxa, Alternatiben herria eta abar. Hurrengoa, Euskal Herriko Topaketa Feministak izango direla espero dut.
Miren Aranguren eta Edurne Epelde. Kopuruz ez dakit lehen baino gehiago edo gutxiago garen, baina belaunaldi berria oso indartsu dator. Formazioa asko garatzen ari da. Feminismo kontsumitzaileak kezkatzen gaitu. Formatzen, jasotzen, ikasten ari gara… inteligentzia feminista ondo dago, baina praktikan ez bada gauzatzen? Hasteko, gure garaian, gosea gutxiagoren artean zegoen, eta askoz autodidaktagoak ginen: txostena pasa eta denon artean eztabaidatu. Burua praktikan genuen gehiago.
4 - Ba al du prestigiorik?
Anabel Sanz. Ez dut uste prestigiorik lortu dugunik, handirik ez behintzat. Azken finean, genealogia feminista ez da onartzen.
Miren Aranguren eta Edurne Epelde. Feminismoak autoritatea irabazi du. Mugimendu sozialen aldarrikapen nagusietan erdigunerago jarri da aldarrikapen feminista, genero ikuspegia akademian garrantzitsua da, ikasketa feministak daude, hezkuntzatik, komunikabideetatik feminista gisa deitzen gaituzte. Lehen guk joan behar genuen.
Gu hasi ginenetik txiribuelta eman du, harrigarria. Aliatutzat geneuzkan emakumeetan eman da aldaketa batik bat. Emakume bertsolariek, artistek, kirolariek kontzientzia hartzea lortu dugu. Bakoitza bere eremutik ari da. Lehen atea itxita zegoen.
5 - Zertan egin da aurrera?
Maite Axiari. Anitz gauzetan, ez ditut denak aipatuko baina. Lehenik, matxismoa gehiago mespretxatzen da jendartean. Bigarrenik, emazteen independentzia ekonomikoan. Hirugarrenik, bakarrik bizitzeko eskubideetan. Laugarrenik, homo eta lesbianen eskubideetan. Bosgarrenik, politikan kuotak ezarriak izan dira.
Kontrazepzioarentzat, abortuarentzat, politikarentzat, lanarentzat… legeak aldatu ditugu, baina atxiki behar dira, eta hobetu.
Anabel Sanz. Gauza askotan, legeak adibidez, baina ez dira betetzen. Politika publikoak, baina ez daude gobernuan daudenen agendan, edo ez dira behintzat lehentasun, bestela zerbait gehiago egingo litzateke indarkeria matxistaren kontra, esaterako.
Miren Aranguren eta Edurne Epelde. Feminismoak ideologia eta proiektu politiko bezala, gero eta toki gehiago dauka bestelako jendartea eraikitzeko bidean. Bide oso luzea dugu, baina lortu dugu tortillari buelta ematea; 1990-2000n inorentzat ez zen beharrezkoa feminismoa, modaz paseak ginen, testuingurutik kanpo. Emakumeak dauzkagun eskubideen kontzienteago egin gara. Ez gara konformatzen patriarkatuak eskaintzen digun patuarekin. Gure interesak gero eta erdirago jartzen ditugu.
Dena dela, oso zaila da esatea zertan ari garen aurrera eta zertan atzera. Mugimenduak aurrera egin du argi eta garbi. Gizarteak aurrera egin duen ala ez esatea zailagoa da.
6 - Zertan egin da atzera?
Maite Axiari. Bortiztasuna ez da apaldu eta beharbada hedatzen ari da. Bestalde, denak ez dira ohartzen emazteen bizia aldatu eta hobetu dela alor batzuetan, eta gazteek ez dakite aski nola aldatu diren. Horregatik inportantea da –Gure genealogia feministak liburua du eskutan– hau egitea. Eskerrak liburu hau idatzi dutenei. Neskak libertate gehiagorekin bizi dira, baina libertate hori ez badute lantzen eta zaintzen, galtzen ahal dute. Beharrik libertatea dastatu duzularik ez duzu gibelera joan nahi!
Anabel Sanz. Arazo bat da berdintasunaren ameskeria, legeek eta politika publikoek ematen dute benetan egiten ari dena baino gehiago egiten ari dela. Baina, arazo handiena dudarik gabe matxismo berria da, gizon batzuk oso haserre daude betiko pribilegio batzuk galdu dituztelako eta antolatzen ari dira gure kontra egiteko.
Indarkeria matxistaz ari garela, arlo batzuetan aurrera egin dugu, baina berdintasun politika publikoak martxan jarri zirenetik urte asko pasatu dira eta erasoak eta hilketak ez dira jaitsi. Jendartearen pertzepzioa da, ordea, baliabide gehiegi erabiltzen dela.
Miren Aranguren eta Edurne Epelde. Sexismoan. Feminismoa ari da esaten gizona-emakumea dikotomia puskatu behar dela eta umeak sekula baino neskago eta mutilago dira. Katalogoak inoiz baino arrosagoak eta urdinagoak. Atzerapausoaren adierazle garbia da. Gaur egungo neska gazteen "begiratu nazazue" hori adibidez. Neskek 4 urterekin amaren arropa igoala daukate.
Aske garela sinetsarazi digute, baina hala da? Adibide pare bat. Lehen emakumeak ez zuen sexuaz gozatzeko aukerarik, baina orain zortzi orgasmo lortzeko gai izan behar dugu! Hori aske izatea da? Etxetik kanpo lana egiteko aukera daukagu, baina emakume asko gaizki sentitzen dira etxea garbitzeko astirik ez daukatelako. Aske gara? Aurrera eta atzera egin dugu. Aukera batzuk ditu oraingo emakumeak, baina horien truke bestelako zailtasunak ere bai. Eta beste adibidetxo bat: zuk jantzi galtzak lasai, baina ipurdia bistan duzula ibili beharko duzu, hotza pasatzen. | news |
argia-42eefc5999a4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/merkelen-eta-troikaren-mendekua.html | Merkelen eta Troikaren mendekua | Juan Mari Arregi | 2015-07-26 | Merkelen eta Troikaren mendekua
Troika eta Merkel umiliaturik geratu ziren greziarrek euren neurri antisozialei uko egin zietenean erreferendumean. Bada orain, mendekua etorri da, bai herri horrekiko eta baita bere gobernuarekiko ere. Greziak lortu du Euroaren barruan egotea, lortu du baita ere zorra berregituratzea, Troikak, Merkelek eta euren kideek horretaz ezer jakin nahi ez zuten arren. Horretarako, ordea, kapitalismoaren neurri zorrotzak ezarri dituzte: lan erreforma, pentsioak jaistea eta hainbat sektore pribatizatzea, esaterako elektrikoa. Horrez gain, aktibo publikoak eta Estatuaren ondarea salgai jartzeko 50.000 milioi euroko pribatizatze funts bat eratu beharko du, erreskate berria bermatuko badu.
Eurak, hain "demokrata" direnak, Syriza barruan haustura sortu nahian dabiltza eta saiatzen ari dira Greziako Gobernua mugi dadin Tsiprasek defendatzen duen ezkerreko posizioetatik herrialdea desastrera eraman zuen betiko eskuin neoliberalerantz. Troikak eta Merkelek, Tsiprasek ordezkatzen duen ezkerreko sistema politiko eta soziala aldatu nahi dute, euren sistema kapitalistari esklabu leial izango zaizkion kudeatzaile politikoak jartzeko. Bere gobernua demokratikoki aukeratu duen greziar herriaren kontra benetako estatu kolpea izan da, erreferendumean erabaki baitzuen neurri horiei uko egitea. Euren inposizioen aurka inork burua altxa duenean, Troikak eta Merkelek ederki erakutsi dute zeinek agintzen duen hemen.
Greziako Parlamentuak "akordio txar baina saihestezina" onartu du, Tsiprasek berak onartuta, Troikaren eta Merkelen mehatxupean. Bozketak erakutsi du Syriza barruan zatiketa dagoela –alderdiko 149 parlamentaritik 33k kontrako botoa eman zuten– eta agian hauteskundeak aurreratu beharko direla. Horixe ere bazen Troikaren eta Merkelen helburua. Datozen egunak erabakigarriak izango dira hori gertatuko denentz ikusteko. Nahiago genuke greziar intsumisioa mantenduko balitz! | news |
argia-36a0905f6ac3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/protagonisten-bizipenak.html | Protagonisten bizipenak | Jon Torner Zabala | 2015-07-26 | Protagonisten bizipenak
Ainhoa Aznarez, Nafarroako Parlamentuko presidentea
"Berdintasunaren ameskerian bizi gara. Askotan neska-mutilekin solasean haiek esaten dizute berdintasunean bizi garela, baina hamaika aldiz entzundako zerbait ari dira errepikatzen, besterik ez. Errealitatea oso bestelakoa eta kezkagarria da. Ikaragarria da, adibidez, zer alde dagoen gizon eta emakumeen soldaten artean: Estatuan %23koa eta Nafarroan %29koa baino gehiago. Eta Nafarroan ere enpresetako zuzendaritza postuetan %10 besterik ez gara, administrazioan ia %50 garen bitartean". ( ARGIA, 2015-03-01 )
Iratxe Aranburu, korrikalaria eta kirol teknikaria
"Nik diodana da eskola kirola mutilentzako pentsatua dagoela, neskatilek eskaintza hori nahi al dute? Txikiekin ez gara asmatzen ari. Txikitako garaiak gogoan, kirola ez zen gurera egokitu, gu egokitu ginen kirolera, gizonezkoen eremura, alegia. Beti esan da neskek ez dutela kirolik egin nahi, mutilak kirolean astakirtenak direla eta neskak baldarrak. Agian, kirol eskaintza eta exijentziak (mutilen trebezietan oinarrituak) dira nesken partaidetza murritzaren arrazoi nagusiak". ( ARGIA, 2007-05-27 )
Dorleta Ugalde, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaritzan, berdintasunerako programen arduradun
"Azpimarratuko nukeena da inertziaren esku utziz gero, ez dela handitzen emakumeen partaidetza kirolean, ez federazioetan eta ez proba herrikoietan. Behobia-Donostiari Emakundetik diru-laguntzak ematen hasi ziren duela bost urte inguru. Diru-laguntza horiekin, Gipuzkoan, inoiz korritu ez zuten emakume taldeak sortu zituzten eskualdeka, epe luzera Behobia korritzeko, entrenatzaile batekin. Zarauzkoa da arrakastatsuena (…) Zarauzko kros mistoan distantzia jaitsi eta aldapak kendu ziren, neskentzako kamisetak ere atera zituzten… Onartuak direla eta kontuan hartzen dituztela sentitu behar dute emakumeek, bestela lekuz kanpo ikusten dutelako beren burua, giro arrotzean".
"Arraunean, kontrako iritzi asko egon ziren Kontxako nesken estropada antolatzeko (…) Lehenengo urteetan, Jaurlaritzak diru-laguntzarik eman ezean, ez zen nesken Kontxa antolatuko, askori iruditzen zitzaielako prestigioa galtzea izango zela neskek parte hartzea. Diru-laguntzaz gain, ETBk nesken estropada eman zuen mutilenekin batera. Mugarria izan zen eta kasu honetan ereduak kontrara balio izan zuen: sekulako eragina izan zuen horra iritsi zaitezkeela ikusteak eta pila bat gehitu zen beheko mailetan arraunerako zaletasuna nesken artean".
( LARRUN, 2014-01-26 )
Miren A., errugbi jokalari ohia
"Partida hartan ni nintzen taldeko kapitaina. Aurkariak guri mehatxu egiten hasi ziren modu itsusian. Epailearengana joan eta gertatzen ari zena kontatu nion. Eta hark erantzun: 'Errugbia da hau. Jokatu nahi ez baduzue, zoazte etxera platerak garbitzera'. Beste batean, partida amaitu eta dutxatu ostean, epaileetako batek: 'Lehen zeneukaten piurarekin… polit asko zaudete orain!'. Horrelakoak, mila. Arbitroak, autoritateak, babesten ez bagaitu, nork egingo du?".
Iguntze Aseginolaza, areto futboleko jokalari ohia
"Sekula ez dut arazorik izan. Gustuko nuena egin nuen, futbolean jokatu, bidaiatu… giro ona genuen gainera, eta hori funtsezkoa da. Entrenatzeko orduan-eta lehentasuna mutilek ote zuten? Egia esan, ez dakit. Guri ordua jarri eta hantxe joaten ginen… Maila pertsonalean baino, desberdintasunak agian handiagoak ziren aitortza edo oihartzun aldetik. Espainiako txapelketa jokatu nuenean, mutilen hotelean hartu genuen ostatu, sari bera geneukan (domina kaskar bat eta listo)… Baina haien partidek oihartzun handiagoa zuten. Eta herrian bertan ere, jendeak bazekien areto futbolean ari nintzela, baina hortik aurrera… Sei urte dira utzi nuela, eta jarraitzen ote dudan galdetzen didate oraindik batzuek. Kontziente naiz ordea areto futbolaz ari garela, eta emakumeez gainera. Zentzu horretan, bere txikitasunean, ilusioa egin zidan Garan nesken emaitzak ere jartzen zituztela ikusteak. Egia da, bestalde, mutilak kirolari gisa ikusten dituela zenbait jendek, eta gurea hobby bezala hartzen dela. Ez dit batera axola, desio nuena egiten bainuen. Guztia eman nuen futbolean aritzeko. Oraindik ere talde batzuek eskaintzen didate aukera haiekin jokatu edo gutxienez entrenatzeko. Baina lanagatik –hiru errelebotara ari naiz– ezingo nuke behar bezala entrenatu, eta nik ez dut entrenatzeagatik entrenatu nahi. Lehiakor samarra naiz".
Garazi Lizarraga, Irungo Mosku auzoko pala txapelketan hartzen du parte
"Ez gaude kirol mistoetara ohituta. Adin batetik aurrera mutilak mutilekin eta neskak neskekin banantzen gaituzte, eta hortik aurrera ez duzu aukerarik kirol mistoan jokatzeko, ez bada horrelako txapelketa herrikoietan, baina nola aurretik ez duzun landu mutilekin batera jolastea, kirol mistorako aukera agertzen denean ez duzu pauso hori ematen. Txapelketa hauetan neskek normaltasunez eman dezaten izena, kirol mistoa haurtzaroan jorratzen hasi eta adinean aurrera egin ahala lantzen jarraitu beharko litzateke". ( ARGIA, 2015-07-12 )
Nieves Alza, Hondarribia-Irun taldeko entrenatzaile eta presidente ohia
"Etsigarria zen ikustea nola guk baino emaitza kaskarragoak zituzten gizonezko talde batzuek guk baino babes eta laguntza gehiago jasotzen zuten. Larriena da politikariek jakintzat ematen dutela gizonezko talde bati gehiago ordaindu behar diotela. Oso larria da hori. Diru publikoarekin ezin da diskriminatu, baina kirolean diskriminatzen da. Egoera bidegabea da, are gehiago kontuan hartuta azken urteetan emaitza onenak emakumeek lortu dituztela". ( Berria, 2015-02-08 )
Naiara Gomez, erretiroa hartu berri duen piraguista
"Emakume bakoitza desberdina da. Baina bada izendatzaile komun bat: ama izan ondoren lehian aritu nahi badut, oso argi izan behar dut hala nahi dudala, zeren eta antolatzeko modua arras desberdina da. Kirolariak argi izan behar du: une horretan eten egin behar du bere kirol-karrera eta, ondoren, itzuliko da, denborarekin entrenamendu espezifiko berrira egokituz".
Iñaki de Mujika, Onda Vascako kirol zuzendaria
"Kontuan hartu behar den lehen gauza da kirolaren eragina gizartean, eta haren eraginkortasuna publizitatean. Gipuzkoako jendeak futbola eta Reala eskatzen du, eta, hori ematen ez badiot, entzuleak galtzen ditut. Nik errespetu handia diet emakumeei, baina beraien eragina oso txikia da". ( Gaur8, 2015-05-02 )
Ana Rosa Gómez, kazetaria
"Biraoen, ezikusien eta umiliazioen garaiak ahaztuta dauden arren, emakume futbolariek ez dute dirua, ospea eta botere sinbolikoa lortu. Pribilejio horiek defendatu aldera, gizonezkoek merkatuaren legeak aipatuko dituzte. Esango dute ez dela haien errua euren partidu kaskarrenak ere emakumezkoek joka dezaketen norgehiagoka onenak baino interes handiagoa piztea, eta jendea gehiago ordaintzeko prest izatea. Dena den ez dugu ahaztu behar merkatuak kalte egiten duela; ezaugarri ustez maskulinoei eta gizonezkoen ekintza guztiei garrantzia handiagoa ematen dieten baloreetan oinarriturik funtzionatzen du". ( Futbola, gizonezkoen kontua? Emakunde, 2003 )
Iraia Iturregi, Athletic-eko kapitaina
"Ez dut uste gizonezkoen kontratuak inoiz izango ditugunik, baina bai hobera egingo dugula. Hamalau urte nituela hasi nintzenean ez ziguten futbol zelaian entrenatzen uzten, jubenilak zeudelako. (…) Gain-sariak ordaintzen hasi ziren, ondoren dieta-kontzeptuengatiko soldata, eta iaz kontratu profesionala egitea lortu genuen, horrek esan nahi duenarekin. Lesioa izanez gero, adibidez, baja kobratuko duzu. Emakumezko talde asko ari dira urrats hori ematen. Bigarren B edo Hirugarren mailan ari diren mutilek zenbat kobratzen duten entzuten dudan bakoitzean haluzinatu egiten dut. Alde horretatik izugarri urrun gaude". ( Dxtfem, 2015-05-05 )
Mertxe Aizpurua, Getaria-Zarautz traineruko entrenatzailea
"Urte asko eman dut Getarian arraunean. Esango nuke, maila altua lortu genuen urteetan, material onena neskei ematera heldu zirela. Badakit beste leku batzuetan hondarrak iristen zaizkiela, egun batetik bestera txalupa kendu dietela mutilei interesatzen zitzaielako… Gauzak hoberantz doaz, baina… Garai batean gerta zitekeen gure estropada jokatzeko ordua azken unean aldatzea, mareengatik-eta gizonezkoei gehiago komeni zitzaielako ordu horretan aritzea". ( Hamaika Telebistako Idemtitateak saioa, 2014ko abendua )
Patri Espinar, pilotari ohia
"Eskuz hasi nintzenean neska oso gutxi geunden, txapelketak mutilen aurka jokatu behar genituen…Frontoietan emakume gehiago dago orain, lehiaketak... Federazioan lan handia egin dute emakumearen integrazioa bultzatzeko. Futboletik nator ni: arbitro eta ordutegi txarrenak genituen, gauez entrenatu behar genuen, gizonezkoen arropa ematen ziguten… Geroz eta gehiago gara kexatu garenak, eta egoerak hobera egin du". ( Hamaika Telebistako Idemtitateak saioa, 2014ko abendua )
Eli Pinedo, Bera-Bera eskubaloi taldeko jokalaria
"Londresko Joko Olinpikoetan parte hartu nuenetik partida askotan geratu behar izaten dut jendearekin argazkiak ateratzera, eta gutxika emakume erreferenteak sortzen ari dira eskubaloian behintzat. Beraz, aurrerantz goazela esango nuke eta hori oso garrantzitsua da. Nik gaztaroan ez nuen emakumezko erreferenterik". ( Gaur8, 2015-05-02 ) | news |
argia-ca2eb3be4e9d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/begona-garmendia-azkoitiko-udaleko-idazkaria.html | "Espediente guztiak bi hizkuntzetan egin behar al dira?" | Onintza Irureta Azkune | 2015-07-26 | "Espediente guztiak bi hizkuntzetan egin behar al dira?"
Begoña Garmendia Errezilgo Udalean idazkari-kontuhartzaile izan zen 1988tik 1997ra arte; ordutik 2006ra arte, Usurbilgo Udaleko idazkari. Gaur egun Azkoitiko Udaleko idazkaria da. Udal barruko jardueran hizkuntzak nola kudeatzen diren ikusi du. Euskara hutsean aritzen saiatzeko, etengabe, lege zirrikitu bila aritu behar dela dio.
Azkoitiko Udalean, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariaren bisitarik izan al duzue?
Bere garaian udalak onartutako kontratazio irizpideen kontra egin zuen. Foru Aldundiko Euskara zuzendaritzarekin batera aztertu genuen, eta autonomia erkidegoko Auzitegi Gorenak bertan behera botatzeko aukera asko zeudenez, atzera jotzea erabaki genuen. Orain, lehen ez bezala, kontratazio espediente bakoitza aztertzen dugu, eta bertan txertatzen dugu hizkuntza irizpidea. Auzia horrela bukatu zen.
Errezilen, Usurbilen eta Azkoitian aritu zara lanean. Zein ondorio atera dituzu hizkuntzaren kudeaketari dagokionez?
Galdera zaila da hori... Niretzat, garrantzitsuena, marko orokorrak zer esaten duen kontuan hartzea da. Alde batetik, esaten du herritarrek eskubidea daukatela administrazioarekin dituzten harremanetan beraiek aukeratzeko hizkuntza, eta bestetik, administrazioak herritarren eskubidea errespetatzeko betebeharra duela.
Kontua da hori dena euskararen normalizazioarekin nola lotzen den. Euskararen Legeak dio administrazioak bi hizkuntzetan aritu behar duela, beraz, horrek zer esan nahi du espediente guzti-guztiak bi hizkuntzetan egin behar direla? Nire ustez, elebitasun mekanikotik haratago joan behar dugu, bestela erdara nagusitzen da, erremediorik gabe.
Euskararen Legea aipatu duzu.
Bere garaian aurrerapena izan arren, lege markoa oso murritza da eta zaharkituta dago, ez da gai euskararen normalizazioaren prozesua aurreratzeko udal administrazioetan. Batez ere Euskararen Legeaz ari naiz. Une honetan oztopo handienetarikoa da euskaraz funtzionatu nahi duten udalentzat, edo euskararen normalizazio prozesuan aurrerapausoak eman nahi dituztenentzat.
Zein da aukera, orduan?
Euskararen Legea aldatzea, noski.
Eta Udal Legea?
Hizkuntza aukeratzeko herritarren eskubidea eta administrazioaren betebeharra. Horiek baldintzatu behar dute espediente guztien tramitazioa? Horren ondorioa izaten da espedienteak erdaraz bakarrik, edo gehienez, ele bitan osatzea. Kontua da zer egiten dugun euskararen normalizazioan pausoak emateko, adibidez, espedienteak euskara hutsez izapidetzea, edo herritarrek gaztelania erabiltzea aukeratzen dutenean, espediente horien zatiak (barne-txostenak, ofizioak...) euskaraz egitea.
Zer esan nahi duzu, marko horren arabera udalek espediente osoak gaztelaniaz egiteko joera dutela?
Joera baino irizpidea. Nola norbaitek espedientearen zati bat gaztelaniaz eska dezakeen edo eskatu duen, hasieratik egingo dugu dena gaztelaniaz. Ez du zertan. Herritarrak bere eskaera gaztelaniaz egin dezake, erantzuna ere gaztelaniaz emango zaio, eskatuko du espediente osoko halako zati nahi duela... baina gainerako guztia euskaraz manten daiteke.
Udal Legeak ahalbidetu dezake hori. Ez dakit zergatik egiten dien aipamen berezia aktei, zergatik ez duen aipamen zabalagoa egiten, gainontzeko espedienteak ere zergatik ez dituen kontuan hartzen.
Ausardiaz jokatu behar dela diozu.
Ausartak, baina ez arduragabeak. Dena dela, gehienetan legearen hitzez hitzeko interpretaziora mugatu gara. Euskararen Legeak dio ele bitan egin behar dela, bada dena ele bitan egingo dugu. Bi zutabekoarekin bukatu behar dugu, gure udaletan euskararen erabilera normalizatua lortu nahi badugu. Ausarta diodanean esan nahi dut dauden aukerak aztertu behar ditugula, udalerri bakoitzaren errealitatea ahaztu gabe. Nire ustez, udaletan lan egiten dugunok galdera hau egin beharko genioke geure buruari: Nik zer egin dezaket nire eguneroko jardunean? Seguru nago gauza berriak egingo genituzkeela.
Badaude zirrikituak?
Bai. Udaltop jardunaldiko [Lasarte-Oria, apirilak 29-30] hitzaldian esan nuen, espedienteak udaletako jardueraren oinarria dira eta horiek aztertu behar ditugu. Zein motatakoak dauden, nori zuzentzen zaizkion, zeinek hasten dituen, eta abar. Sailkatu eta gero, bakoitzarekin nola jokatu erabaki beharko genuke.
Udalek egiten dute hori?
Udal bakoitzak ahal duena egiten du. Lan orokorragoa egin beharko litzateke. Diputazioek badute udalei laguntzeko ardura. Zergatik ez aholkularitza lana gai honi lotuta? Oso zaila da udal bakoitzak egitea.
Legeen zirrikituak baliatzea diozu, baina ez duzu ukatuko mugak badirela.
Bai. Aipatu dut Euskararen Legea. Egia esan, esan genezake espedienteak kudeatze mailan estatuko legea, 92koa, hori baino zabalagoa dela. Espedienteak tramitatzeko garaian legedi autonomikoari helduko zaiola dio. Bagatoz hona, eta zer gertatzen da? Lehenengo oztopoa Euskararen Legea dela.
Udal Legeaz zerbait gehiago?
Konpondu ez diren arazoak izaten segitzen dugu. Ez da baliatu legea horretarako. Adibidez, akten gaiaz Irurako Udalaren kasuan emandako sententzia eredugarria da. Epaileak garbi dio: hizkuntza eskubideen titularrak herritarrak dira, ez administrazioak. EAEn kokatutako administrazio batek esaten badio udal bati dokumentazioa gaztelaniaz bidaltzeko, epai horrek dio administrazio horrek ez daukala inolako eskubiderik euskarazkoaren itzulpena eskatzeko. Administrazioak bi hizkuntzetan izan behar du gaitasuna. Beraz, ez dago legitimatuta itzulpena eskatzeko.
Notarioak ere zaku horretan sartzen al dituzu?
Erakunde publiko-pribatuak dira. Tokian tokiko hizkuntza errespetatu behar dute eta ezin gaituzte itzulpena egitera derrigortu.
Epaitegiak berdin?
Noski. Une honetan, ez dira ari euskararen ofizialtasuna errespetatzen, udaloi erreklamatzen dizkiguten espedienteetan.
Beti hala izango zen, ezta?
Ez, atzerapausoa eman dugu. Gogoratzen naiz, Errezilen eta Usurbilen egon nintzenean, euskaraz egindako espedientea zegoen bezala bidaltzen genuela epaitegira, eta epaitegiak Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile ekipoa zeukan, beharrezkoa bazen itzulpen lanak egiteko. Eskuduntza Jaurlaritzarena da, zalantzarik gabe. Une honetan, betebehar hori udaloi jarri digute. Orain dela gutxi ia 1.000 orriko espedientea izan dut eta den-dena itzuli behar izan dugu epaitegira bidaltzeko garaian. Nola berma genezake orduan, euskararen erabilera normalizatua udal espedienteetan?
Legeren bat aldatu da ala?
EAEko Auzitegi Nagusiak irizpide orokorra aldatu du eta geuk itzultzeko obligazioa ezarri digu. Indarrean dagoen legean oinarritu da, esanez ele bitan egin beharra dugula. Baina kasu horretan, Eusko Jaurlaritzaren ardura nabarmendu behar da, berari dagokiolako epaitegietan baliabideak eskaintzea. | news |
argia-3aeca12eb86e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/komunikabideak-diskriminazioaren-konplize.html | Komunikabideak, diskriminazioaren konplize? | Jon Torner Zabala | 2015-07-26 | Komunikabideak, diskriminazioaren konplize?
"Kirolaren mundua, izan erabaki postuetan emakumerik onartzen ez duelako edota haien profesionalizazioa eragozten duelako, izugarri androzentrikoa da, eta hedabideen kolaborazioari esker, neskato eta emakumeak diskriminatzeko tresna eraginkorra". Matilde Fontecha EHUko irakaslearen iritzi zorrotza berresten du, hein handi batean, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendaritzak aurkeztutako Emakumezkoen kirolaren presentzia eta tratamendua Euskal Herriko prentsa orokorrean eta kirol arloko egunkarietan. 2013-2014 denboraldia txosten mardulak.
Berria , Deia , Diario de Noticias de Alava , Noticias de Gipuzkoa , Gara , El Diario Vasco , Arabako eta Bizkaiko El Correo , Mundo Deportivo eta Marca egunkarietan plazaratutako 15.316 kirol albisteren azterketan oinarrituta, emakumeen kirolak prentsan "presentzia kuantitatibo eta kualitatibo eskasa" duela ondorioztatu du ikerketa burutu duen ASPIC komunikazio agentziak.
"Hedabideek emakumeen kirolari ematen dioten arreta desegokia eta selektiboa da eta, askotan, genero-mailako estereotipoak indartuz edo beraien emaitzak gutxietsiz agertzen dira", dio txostenak. "Kezkagarria da ere, hedabideetan gehiago agertzeko helburuz, geroz eta nabariagoa den emakumeen gorputzaren merkantilizazioa, konnotazio sexualak medio, errendimendu eta kirol emaitzei zor zaien arreta aldenduz".
Nesken kirola hedabideetan kalitatez agertzea ezinbestekoa da babesak, ikusleak eta beste diru-sarrera batzuk erakartzeko, eta hala ez egiteak errotik baldintzatzen du emakume kirolarien profesionalizazioa. "Bitxia bada ere, hedabideek arrazoi berberak argudiatzen dituzte emakumeen kirolaren berri ez emateko. Euren burua babesteko, jendeari interesatzen zaion informazioa ematen dutela diote hedabideek, eta hala izango da sarri, seguru; baina jakin nahiko genuke askotan ez ote diren hedabideak beraiek interesa eta beharra sortzen dutenak, halakorik egon baino lehen".
Ikerketak hamaika datu eta ondorio bildu du. Hona horietako batzuk:
Ondorio kuantitatiboak
- 15.316 kirol albisteen %4,96 soilik dira emakumeei buruzkoak.
- Azaletan agertutako 632 albisteen %4,11 dira emakumeei buruzkoak.
- Emakumeez mintzo diren berrien %40 laburrak dira.
Kualitatiboak
- Klasiko bat da emakumezko kirolariei abizenak kendu eta izena bakarrik uztea. Honek ez dio kirol arloari soilik eragiten.
- Familia behin eta berriz aipatzen da emakumezko kirolarien inguruko berrietan. Gizonek, bizitza profesionala; emakumeek, familia artekoa.
- Estereotipoak: apaintasuna, feminitatea, fisikoaren inguruko aipamenak, paternalismoa.
- Emakumezkoen garaipenak gutxiago baloratzen dira.
- Ez dio inporta kirolariak diren ala ez diren. Hedabide batzuetan, ohikoa da kirol informazioarekin batera biluzik edo oso arropa gutxirekin dauden emakumeen argazkiak aurkitzea.
Mikel Ibargoien: "Nesken presentziaz kexu direnek informazio hori kontsumitzea ezinbestekoa da"
Mikel Ibargoien Info7 irratiko eta Gaur8 kazetako kolaboratzaileak Rikardo Arregi Sarietan aipamen berezia jaso du, emakumeen kirolari eskainitako Kirol Leihoa elkarrizketa tarteagatik. Saioaren zioez eta ofizioaren ajeez galdetu diogu.
Nola mamitu da Info7ko irratsaioa?
2011n, ETBn lanean ari nintzela, nesken belar hockey partida batzuk zuzenean jarraitzea egokitu zitzaidan eta konturatu nintzen, jende askok pentsatzen duenaren kontra, maila oso altua daukatela. Orduan hasi nintzen gaiari buruz hausnartzen, eta pasa den urtean Info7 irratikoei Kirol Leihoa egitea proposatu nienean baiezkoa eman zidaten. Egoerarik onena horrelako saiorik egin behar ez izatea litzateke, baina gaur gaurkoz ezinbestekoa da. Emakumezkoak, sarri, ez ditugu haien lorpenengatik baloratzen; aitzitik, sexua da neurgailua.
Emakumeek kirol maila altua izan arren, ez duela nahikoa interesik pizten dio kazetari askok.
Zenbait kirol kazetarirekin hitz egiteko parada izan dut eta gehientsuenek esan didate emakumeek maila ona dutela. Halere, nesken kirolak ez duela saltzen diote, eta hedabideentzat arriskutsua dela tarte handia eskaintzea, kontsumitzaile eta babesleek atzera egin dezaketelako. Ulertzekoa da haien jarrera. Zentzu horretan, beharrezkoa da emakumeek hedabideetan duten presentziaz kexu diren herritarrek nesken partidak-eta zuzenean ikustea eta haiei buruzko informazioa kontsumitu eta zabaltzea. Telebistak partida bat eman eta harmailak hutsik ikusten badira…
Ohitura dago neskak eta mutilak alderatzekoa. Akats bat da, bakoitzak ezaugarri propioak baititu. Gezurrik ez dugu esango: gizonezkoak azkarragoak dira, indartsuagoak. Desberdinak garela ulertu behar da. Baina desberdintasun horretatik abiatuta ere, neskek teknikoki maila ona dute, emaitzek erakusten duten moduan. Badute jendea erakartzeko gaitasuna. Haien alde apustu egin behar dute, gizarte osoak oro har, eta komunikabideek zehazki.
Hedabide batzuetan aldaketatxoak sumatzen dira…
Bai, batzuk ari dira pausoak ematen: Euskadi Irratia, Gara … Marca egunkariko Oscar Badallo ere kazetari interesgarria da. Nesken kirola baloratzen du, partidak zuzenean ikustera joaten da… Beste kontu bat da zuzendariak lekurik ematen ote dion emakumezkoen kirolaz idazteko.
Garrantzitsua da hedabide handiek urratsa ematea, gainerakoek haiei jarraituko dietelako. Denek dute erantzukizuna, baina EITBk, hedabide publikoa den heinean, ikusle kopurutik harago begiratu behar du, eta berdintasuna bezalako baloreei leku egin. Telebistak –irudiak– bereziki indar handia du.
Onda Vasca irratiko kirol zuzendari Iñaki de Mujikak kontatu zidan Bizkaiko egunkari batek, Athletic futbol taldeari egunean sei orri eskaintzen zizkionak, hilabetez bost orrira pasa zuela dosia, beste kirol batzuei tartea egiteko. Bada, denbora horretan egunkariaren salmentak jaitsi egin ziren eta lehengora itzultzea erabaki zuten. Luzera begira egin behar da apustu, jendeari denbora emateko aldaketara ohitu dadin. Interesa areagotuko luke horrek, ispilu izango diren erreferente gehiago sortu, babesleak erakarri eta emakumezko kirolarien profesionalizaziorantz urratsak ematen lagundu. | news |
argia-8568b3c0b060 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/monitoreetako-argiak-loa-galarazten-digu.html | Monitoreetako argiak loa galarazten digu | Joxerra Aizpurua | 2015-07-26 | Monitoreetako argiak loa galarazten digu
Frantziako Inserm institutuko ikerlari talde batek LED gailuen, telefono eramangarrien eta ordenagailuen monitoreetako argiek gure osasunean duten eragina aztertu du.
Esan dutenez, XX. mendearen hasietarik gaur arte lo gutxiago egiten dugu gauez, ordubete eta bi ordu artean hain zuzen ere. Mende honen hasieran, pentsatzen zen arestian aipatutako argi motek ikusmenari baino ez ziotela eragiten, baina 2002. urtean erretinan aurkitutako melanopsinazko zelula ganglionarioei esker, egun badakigu argiak ikusmenean ez ezik loan eta aldartean ere badituela eraginak.
Argiaren aurrean era desegokian egoteak gure erloju biologikoaren sinkronizazioa oztopatzen du. Claude Gronfier ikerlariaren arabera, oheratu baino ordu erdi edo ordubete lehenago urrundu beharko ginateke gure gailuetako argitasunetik, eta argia behar izanez gero, halogeno erakoa eta laranja kolorekoa aukeratu. | news |
argia-3b4e8aad83c3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/victor-gomez-pin.html | "Demokrazian bozkatzen den guztia ez da duina" | Mikel Asurmendi | 2015-07-26 | "Demokrazian bozkatzen den guztia ez da duina"
Bartzelona, 1944. Filosofian doktorea. Parisera joan zen gaztetan. Estatu doktore ikasketak amaitu zituen Sorbonan, ordena aristotelikoari buruzko tesiarekin. Dijongo Unibertsitatean irakasle zela, EHUk Filosofia katedra eskaini zion. Universitat Autònoma de Barcelonako katedraduna izana, emeritua da egun. EHUk Honoris Causa izendatu berri du ekainean.
Ontologia Kongresura etorri ohi da Donostiara bi urtetan behin. Aurten, bestalde, EHUk Honoris Causa izendapena eman dio. Víctor Gómez Pin filosofoarekin solastatu gara bi ekitaldi horien karietara, ekainaren amaieran.
Zer lanetan ari zara une honetan?
Naturaren kontzepzioaz ari naiz lanean, naturaren egungo egoeraz, gizakiok haren gainean garatu ditugun kontzepzioak kontuan hartuta. Pertsonok besterik sinetsi arren, naturarekiko gure kontzepzioa teoriek determinatuta datoz. Gure natura determinatzen diren postulatuek naturarekiko gure harremana markatzen dute. Mekanika kuantikoa agertu arte, hala izan da. Teoria aldatzen eta berria sortzen doa. Antologia Kongresuko nire lanean hori aplikatu behar dut.
Zeri buruzkoa da Ontologia Kongresua?
Kongresua filosofiakoa da, baina fisikariek eta zientzilariek ere parte hartzen dute, Donostia International Physics Center tarteko delarik. Ordena naturalaz dihardugu. Greziarren arazo zaharrei buruz abian gara –Aristotelesen ildoan– egungo pentsamendu garaikidera etorri arte. Gizakion arazoa ez da aldatu, aldatu direnak datuak dira, arazoari berrekiteko lagungarriak. Aurten, Donostia 2016 delakoak Aristoteles jaio zeneko urteurrenarekin bat egiten du. XXIV. mendeurrenak bat egiten du Donostia Europako Hiriburu Kulturala izatearekin. Ontologia Kongresuan tradizio filosofikoaren arazo handiak planteatu nahi ditugu Aristotelesen omenez. Physis & polisa da gaia, natura eta hiria. Aristoteles, naturaz eta hiriaz pentsatzeaz gain, polis terminoa aztertzen lehenbiziko filosofoa izan zen, politika aztertzen lehena beraz.
Polisa krisian dago. Politika, alegia.
Polisak ez dio sekula krisian izateari laga. Politika krisian dago, bistan da. Krisi garaia estutasun garaia da, alta, orduan gailentzen da larrialdi kontzeptua. Kontzeptu zeharo egokia. Grezieraz juizio eta krisi hitzak kidekoak dira, biek esanahi bera dute. Bereizten eta erabakitzen duena ere esan nahi du krisiak. Hau da, krisiak oso emankorrak izan daitezke. Adibidez, ni oso baikorra naiz Greziako krisiari buruz. Alexis Tsiprasek esan duenez, "ultimatuma eman digute, eta guk duintasun soilarengatik herriari erabakitzeko aukera eman behar diogu". Tsipras duintasunetik abian da. Greziako krisia emankorra da zentzu horretan. Europan ez da Tsiprasen jarrera duina erakutsi duen politikaririk. Ez dut duintasunik erakutsi duen inor ikusi. Tsiprasen diskurtsoan tragedia greziarraren pasarteak entzun dira. Politikari baten ahotik ez nituen halako hitzak entzun aspaldian. Zinez ederra!
Bidenabar esanda, Rajoyren jarrera lotsagarria salatu behar da. Espainia herrialde gogorrena izan da formetan Greziarekin, Alemania baino gogorragoa. Europaren jarrera ez da parte onekoa. Lehen aldiz bizi dugu egoera hau, Syrizako jendea serioa da, ez dira uzkurtu, Papandréu bezala. Erreferenduma egin nahi izan zuen, baina kikildu zen.
Nola bizi izan duzu EHUk emandako Honoris Causa izendapena?
Kontzeptu oso ona daukat unibertsitateaz, batez ere unibertsitate publikoaz. Unibertsitate publikorik egon ez balitz nik ez nukeen ikasiko. Parisera joan nintzen gaztetan, lanik eta paperik gabe. Baina, orduan, frantziar errepublikan doan ikas zitekeen. Ramon Vals Plana filosofo katalan handia ezagutu nuen. Berak proposatu zidan filosofia fakultatea Zorroagan antolatzea. Saila zabaltzeko aukera paregabea izan nuen, Jacques Derridá filosofoarekin batera, besteak beste, unibertsitatearen garrantziaz jabetzeko bidea zabaldu zuena. Oso emankorra izan da. Horri gehitu behar diot Euskal Herriari atxikitzeko izan dudan parada, oso atsegina. Unibertsitate publikoari eskertua nago, eta gaur egun oso minduta jasaten ari den eraso etengabeengatik. Herritarrei eman behar zaien zerbitzu publikoa jazarria dago egun.
Nork jazarria?
Espainiako Gobernuak, botereak jazarria. Filosofia ikasgaia kendu dute bigarren mailako ikasgaietatik. Wert jaunaz gaizki hitz egitea gauza topikoa da, eta topikoek indarra galtzen dute. Beraz, ez dizut Werti buruz hitz egingo. Bai ordea, Kataluniako osasun kontseilari Boi Ruiz i Garciari buruz. Hara non, jaun ohoragarri omen den hori ausartu den esaten, botere publikoek ordaindu behar dituztela merkatuaren zerbitzura ikasi beharreko ikasketak –jendea esplotatzeko behar direnak–, aldiz, greziarren munduaz ikasi nahi dutenek –Aristoteles, Homero, Euclides... Zientziaren funtsa, alegia– beren poltsikotik ordaindu behar dutela. Adierazpen horiek basakeriaren eta zarpailkeriaren sintomak dira. Filosofia ez da besteak bezalako ikasgaia, denoi dagokigun ikasgaia izan beharko luke, herritar orori zuzendua.
Gainbehera goaz, antza.
Tira... Filosofiak ez du sekula onarpenik izan, ez du faborerik jaso, filosofia gai borrokatua izan da beti. Sokrates heriotza zigorrera kondenatua izan zen. Filosofoek beti molestatu diote ezarritako botereari. Baina boterea herritar ez argitu eta zuhurrengan oinarritzen bada, boterea ez da legitimoa. Botereak zurgatzen badu herritarren zentzua, botere hori demokratikoa izan arren, ez da legitimoa. Demokrazian bozkatzen den guztia ez da duina. Iritzi guztiak ez du balio bera, inola ere ez. Badago iritzi funtsatua, arrazoidun diren herritarren kolektiboak partekatzen duena, eta badaude pertsonon kalterako baino ez diren iritziak.
Egungo demokrazia ezbaian jartzen duzu?
Ez. Nik demokrazia ez dut kuestionatzen. Syriza lantzen ari dena demokrazia da. Hau da, hemen badaude nazioarteko botere batzuk ultimatuma ezartzen digutena. Eta duintasunez besterik ez bada, galde diezaiegun neurri horiek pairatzen dituztenei [elkarrizketa Grezian kontsulta egin aurretik egin genuen]. Tsipras gutxienez ari zaie galdetzen herritarrei. Duintasunez bederen.
Horra Grezia, gure kulturaren sehaska.
Grezia da Europa ondratuaren sorburua. Ez da bakarra, ez dezagun Kordoba Averroes-en ondarea ahantz. "Euskaldunak ez zarete jatorriz greziarrak, kultura aldetik bai, baina hizkuntzari dagokionez ez. Hizkuntza landu eta baliatu behar duzue", esan dit berriki lagun batek. Neu neurri batean euskal kulturaren partea ere banaizelako, diot hori.
Zer garrantzia ematen diozu identitateari?
Hizkuntza interesatzen zait. Euskal antropologiaren berezkotasuna bistakoa da, baina nik euskalduna defendatzen dut bere hizkuntza singularrarengatik. Gainerakoan, folklorea, musika edota dantza ez ditut hemengoak eta hangoak alderatzen, aurreskua, sardana eta muñeira parekagarriak baitira.
Euskarak pena eta poza merezi ditu, beraz.
Euskal hizkuntzaz gaztetan arduratu nintzen, baina ez kontu ideologikoengatik, askok uste bezala. 1979an, hona heldu nintzenean, euskarak bizirik jarraitzeak miraria zirudien. Kontu politikoak alde batera utzita, hizkuntzaren singulartasunak erakarri ninduen. Euskara zerbait apartekoa zen niretzat: "Paristik 800 kilometrora halakorik?", pentsatu nuen. Ez da hizkuntza indoeuroparra. Filosofikoki hagitz interesgarria da. Ikasle ohiekin bildu naiz berriki, horietako hiruk Aristoteles itzuli dute euskarara. Pentsa, Aristotelesen Metafisika ez dago katalanera itzulia. Euskarak jauzi izugarria eman du. Kontent naiz hagitz.
Honoris Causa izendapen hitzaldian euskaraz jardun duzu hogei minutuz. Etsenplu ederra.
Ez dut erregea baino erregetiarragoa izan nahi. Ez diot horri aparteko garrantzirik eman. Etsenplua nork bere buruari eman behar dio. Diskurtsoa prestatzeko Pasaiako Hugoenean egon nintzen. Tokikoek lagundu didate diskurtsoa prestatzen, hemengo lagunak batez ere euskaldunak dira-eta.
Zer iritzi duzu Kataluniak bizi duen egoeraz?
Egoerak molestatzen nau. Argitu aldera: Kataluniak independentea izan nahi badu, ongi. Hori ez da arazoa. Deitoragarria da ordea, egoera arazo sozial handia eta larria bilakatu izana. Gertatua ez da esplikatzen Madrilek lapurtzen duelako, politika sozial okerra egin delako baizik. Ni Bartzelona hiriarekin identifikatzen naiz. Ada Colau alkatea izatea gustatu zait. Tsiprasen kasuan bezala, jauzia itzela da, duintasunezko jauzia. Duintasuna azpimarratzen dut, Bartzelonan hiritarren duintasunaren aurkako politika egin delako: interes espekulatiboen aldeko etxegintza sustatu dute, itsas-portua eraitsi eta yateentzako toki bihurtu... Ada Colau politika hori aldarazten saiatuko da, eta saiatze soila asko da, edo bada zerbait.
Katalunia eta Espainiaren arteko arazoak kezkatzen zaitu.
Katalunian bizi dugun egoera oso mingarria da, pertsonentzat onartezina. Espainia eta Katalunia artean benetako gaitzustea errotzen ari da, eta hori gainditu behar da. Esaterako, García Lorca katalanarekiko amultsua izateaz batera, Santiago de Compostelara joan zen eta sei poema idatzi zituen gailegoz. Galiziera eta katalana ikasten saiatu zen. Esan nahi baitut, II. Errepublikako Gobernua saiatu zen gaitzuste hori saihesten, hizkuntzen artean zubiak eraikitzen. Orain, Kataluniak independentea izan behar duela? Esan nahi dudana da, espainiar herriaren duintasunarengatik espainiar herriak ezin ditu onartu oraingo harreman moduak. Espainia eta Kataluniako bi gobernuen artekoak, hasteko. Bizitza pribatuan dibortziorako legeak egiten diren bezala, herrien arteko harremanetarako ere egin behar dira .
Podemos gobernura iritsita harremana normaldu al liteke?
Ez dakit. Pablo Iglesias... Hara, ez dut inor izendatu nahi. Podemos boterera iristen bada, harremana beste era batez bidera liteke. Dibortziatzeko lege bat egin dezakezu, eta ez zara dibortziatzen. Aukera irekita izan behar da ordea. Eta dibortzioa ematen bada, eman dadila duintasunez.
Euskal Herriko politikak ardura al dizu?
Ez naiz axolagabea. Euskal Herrian iraganeko zauriak zabal-zabalik daude eta josi behar dira. Ez naiz kristaua, baina ondradua naizela uste dut. Eta ondradua denak ahanzteko gaitasuna izan behar du. Ahazteko gaitasunik ez badugu, erresumina baino ez dago jendartean. Hara, nik ez diot inori ikasgairik eman nahi. | news |
argia-01c620d8c80d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/grezia-eta-europar-batasuna-eta-herritarrok-eta-politika.html | Grezia eta Europar Batasuna. Eta herritarrok eta politika? | Garbi�e Biurrun | 2015-07-26 | Grezia eta Europar Batasuna. Eta herritarrok eta politika?
Greziaren etorkizuna kolokan egotea bukatzear dago azken hilabeteetako negoziazioen eta kezken ondoren, formalki behintzat. Greziak Europar Batasunaren (EB) baldintzak onartu ditu, erreferendumean EBren "azken proposamena" herriak errefusatu eta gero.
Grezia galtzaile: lehen erreskatetik hona inposatu zaizkion neurri ekonomikoek –eta oraingoek– pobrezia besterik ez dute ekarri(ko), beste hainbat herrialdetan bezala: zerbitzu publikoen pribatizazioak, eskubide sozialen murrizketak, ondare eta errenta handiei zergak jaitsi eta errenta txikiei zergak igo. Hau da, jarduera ekonomikoa eta enplegua suntsitzea, eta talde eta pertsona ahaltsuen aberastasuna ugaritu da. Hori guztia egin eta gero, Grezia –edo beste edozein herrialde– zulotik ateratzen bada, beste batean murgilduko da: bere menpekotasun ekonomikoa ikaragarri handia izango da, bere baliabideak oso urriak eta bere gizartea zatitua eta orokorrean oso pobretua.
EBk ere ez du gauza handirik irabazten horrelako politikak aplikatuz. Orain badakigu herstura ekonomikoak porrot egin duela eta talde ekonomiko handiak asetzeko balio izan duela. Zer irabazten du EBk Grezia hondoratuz, finean zorrak eta irabaziak komunean kudeatu behar badira?
Nork irabazten du? Behin eta berriro errepikatu bada ere, Alemania da garaile. Berak inposatu dizkie baldintzak beste herrialde guztiei eta berak markatzen du erritmoa. Gezurra dirudi, II. Mundu Gerraren ondoren Alemaniak bere zor ekonomikoari heldu ezinean, beste hainbat herrialdek –Greziak barne– barkatu izana horren puska handia. Gezurra dirudi horren oroimen txarra izatea eta berak profitatu zituen abantailak besteei ez aplikatzea. Halere, garaipen hau itxurazkoa besterik ez da: batetik, Alemanian herritarren arteko desberdintasunak ari dira azkar hazten; bestalde, iraganean gertatu zen bezala, etorkizunean ere Alemaniak europarren beharra izango duen –bestela, pentsa ezazue non saltzen du bere ekoizpenaren zatirik handiena–; azkenean, interes ekonomikoek irabazten dute, baina ez herriak. Baina beste ñabardura batzuk ere egin behar dira:
– Greziaren gaurko egoera aurreko gobernuen eta EBren jarreraren ondorioa da: Greziako bankuak neurririk gabe zorpetu ziren, zor pribatu hori publiko bihurtu zen eta bere finantziazioa ere EBren neurrira egin zen –jatorrizko zor publikoa handia bazen ere, asko igo da arrazoi horrengatik–.
– Greziaren egoera ez da bakarrik bere erruz: EBk onartu zituen herrialde honek aurkeztu zituen "kontu faltsuak" hitzik esan gabe.
– Grezian aplikatu dira orain arte Troikak inposatutako neurriak: Norvegiaren atzetik, Grezia da defizita gehien murriztu duen herrialdea, baita gehien eta azkarren gastu publikoaren kopurua jaitsi duena ere. Eta neurri horien ondorioak ederki asko ezagutzen dituzte greziarrek. Gainera, erreskatetik jaso duen diru multzorik handiena bankuei ordaintzera joan da.
Eta politika? Eta herria? Eta demokrazia? Tsiprasen Gobernuak erreferenduma iragarri zuenean txalotu nuen ekimen demokratiko hori. Txalotu nuen emaitza greziarren duintasuna jokoan zegoelako, Politikari deia egiten zitzaiolako eta Tsiprasen posizioa indartzen zelako –negoziazioetan Greziako herri osoa egongo zelakoan–. Ez dakit harrez gero zer gertatu den, zer zailtasun eta "mehatxu" sortu diren, baina argi dago greziarren ahotsa ez dela entzun. Ez greziarrena, ez justizia sozialarena. Nola hartuko da egoera "berri" hau horren argi hitz egin duen herrian? | news |
argia-b992be16ae29 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/errezetak.html | Errezetak | Erika Lagoma | 2015-07-26 | Errezetak
Doinua : Sorterriko Koplak
1
Ez dut aurkitu kokorik,
ezta wakame algarik,
hala ere hau da gure lurra
Eta ez dugu hoberik.
2
Teseo pintzekin hartu,
Epicuro fusionatu,
bidea beti da potentziala,
beraz, irrikaz dastatu.
3
Identitateei zurrut,
eta ateratzen da Hulk,
sukaldea narrasten ikusi
ditut gazte ero batzuk.
4
Popularra ta jasoa,
champagne kopa ta basoa,
baina oraindik ez dugu argi
nork hil duen arbasoa
5
Zorrotz mantendu labana,
nahastu aita ta ama,
kontuz ibili esku artean
lehertuko zaizu flana.
6
Infusionatu tribua,
eta astindu burua,
geroak esango du zer zaren,
gurua edo babua.
7
Harria beti da harri,
ta herria du aldarri,
iragazkitik pasatu eta
bandeja batean jarri
8
Ez zazu bota azala,
kristalak gorde dezala,
E-200ik gabe mantentzen
da euskaldun naturala.
9
Irabiatu denbora,
ta sartu kobazulora,
Izan egia izan gezurra
nahi duzuna izango da.
10
Trapuaz garbitu zerra
eta arnastu eterra,
ez dugu nahi baina hori gara
finean, txorizo-burgerra. | news |
argia-139f5d93d663 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/tytti-thusberg.html | "Independentea naiz, ez dut moda industrian sartu nahi" | Miel Anjel Elustondo | 2015-07-26 | "Independentea naiz, ez dut moda industrian sartu nahi"
Diseinatzailea da. Alabaina, ez nolanahiko moda du helburu. Moda jasangarria egiten du berak, Finlandian sortu eta gurean erroturik bizi den artistak.
Moda diseinatzaile eta artista plastiko zara, eta ez dakit txanpon beraren bi alde ez ote diren ere…
Sormenak biltzen ditu bi lantegiak, bi eginkizunak. Moda diseinatzailea naiz, bai, baina, bereziki, moda jasangarriaren diseinatzailea, eta horixe da nire ezaugarririk behinena, ez moda, ez diseinua, diseinu jasangarria. Hala ere, modari lotuta baino, diseinu eta arteari lotuta ikusten dut nire burua. Neure eskuen bidez gauzak sortzen eman dut bizia. Beste aldetik, artisautza eskolan lehenengo, eta unibertsitatean gero, zazpi urteko ikasketak egin nituen Finlandian, eta hango diseinu eskoletan garrantzi handia eta denbora eskaintzen diote edozein diseinu motari, dela altzariak diseinatzea, dela platerak, dela... Eta arte asignatura inoiz ez da falta izaten, beti izango da arteari buruzko ikasgairen bat: arte teknikak, artearen historia, diseinuarena… Uste dut horregatik dudala artea egiteko gaitasuna, horregatik egiten dudala artea, nahiz eta nire titulu ofiziala moda diseinatzailea izan.
Ikasketa amaierako proiektuan, feltrozko berokia egin zenuen Finlandiako artile kardatuz egina.
Bai, horixe egin nuen, baina, finean, eskultura egiteko bidea nuen feltroa, eskuz lantzea planteatzen nuen nik. Txikitandik ekarri dut materialak eskuz lantzeko abildadea. Elurretan, adibidez, horretan jarduten nuen, eskulturak egiten. Elurra, izan ere, oso da moldaerraza. Etxean ere, amak hainbat material jartzen zizkidan eskura, eta ni han ibiltzen nintzen, josten, brodatzen, bata besteari lotzen… Amona ere beti ari zen horretan, beti zuen zerbait esku artean: kakorratza, puntua… Inguruan bagenituen eskulan artistak. Bazen giro hori. Ama, berriz, laster konturatu zen nik erraztasuna nekarrela, eta sormenaren bidea bultzatu zuen nigan. Barrutik zetorkidala esango nuke. Bokazio hitza egoki dator kasurako.
Ekodiseinatzaile zarela ere irakurri dugu.
Hori oso gai zabala da, eta ez dakit nondik hasi ere! Ekosistemaren barruan hainbat gauza sartzen dira, eta nik, adibidez, upcycling -a egiten dut. Baliorik ez duen gauza bat hartzen dut –izan uhalak, izan bigarren eskuko oihalak…–, eta gauza berria egiten dut. Niri dagokidanez, ikuspegi soziala dut beti gogoan. Esan nahi dut, nik neuk egiten dut produzitzen dudana. Batzuetan, kooperatiba batekin elkarlanean ariko naiz, inorekin kolaborazioan, baina nire kolaboratzaileak ondoan ditut, auzoan bertan. "Zero kilometro" kontzeptua baliatzen dut: ez dut garraiobiderik erabili behar, oinez noa, oinez nator, neure estudioan egiten ditut produktuak, kanpora bidaltzen ibili gabe. Lehengaia ekologikoa da beti.
Nondik dator gauzak egiteko molde hori, baliatzen duzun kontzeptua?
80ko hamarkadan hasi zen mugimendua zabaltzen. Joan den bost urte honetan asko zabaldu da. Orain dela hogei urte egin nuen nik nire lehenengo ekodiseinua. Ordu arte, bigarren eskuko oihalekin edo industri hondakinekin egiten nuen lan. Aspalditik ari naiz ni horrela lanean, baina lan egiteko modu horrek ere izenen bat behar, eta "moda jasangarria" izena eman diote. "Moda ekologikoa" ere bai.
Zenbait dendaren erakusleihoetan ikusita nago industri hondakinez egindako berokiak.
Industria ere sartua dago mundu horretan, bai. Ni artisaua naiz, baina enpresa asko ikusten ditut moda ekologikoaren arloan lanean. Askotan ez dago bereizterik moda ekologiko edo jasangarria den, ala ez. Industria oso material sofistikatu eta teknologikoa erabiltzen ari da moda ekologikoa egin nahi horretan. Esate baterako, material bat, ezaguna: kotoia. Moda jasangarriaren diseinatzailea ez da kotoia erabili zalea. Izan ere, badaki kotoia prozesatzea oso gauza kutsagarria dela: ura, pila behar da prozesuan; pestizidak, ez gutxi; langileen lan-baldintzak, eskasak ohi dira. Gisa horretan kotoia erabiltzea guztiz debekatuta dago. Kotoia erabili nahi izatekotan, ziurtagiriduna behar du.
Janzteari dagokionez, zein genituzke material egokienak?
Bada, oraintxe, poliesterra omen da materialik ekologikoena. Niri ez zait askorik gustatzen, ez duelako transpiratzen, eta hori nekez izango da gauza ona inoren organismoarentzat. Hala ere, kalitate ezberdineko poliesterrak daude. Dendetan poliesterrez egindako arropa asko ikusten da. Kotoia ere hor dago, esan dudanez, baina gutxi da ekologikoa kotoietan. Indiatik ekarria da, edo Pakistandik. Dena den, moda jasangarria izan edo ez, inor ez dago bekatutik libre. Oso zaila da tranpa saihestea.
Europa iparraldeko herrialdeetan sentiberatasun handiagoa dago moda jasangarri eta ekodiseinuaren inguruan?
Ez dakit, bada. Egia da Finlandian jaso nuela kezka, baina topikoa ere bada Europako iparraldeko herrialdeen kontzientzia eta gainerakoa. Hemen oso jende kontzientziatua ezagutu dut. Ez pentsa Finlandian ere denak kontzientziatuta daudenik! Han ere, hemen bezala, batzuk bai eta besteak ez. Hala ere, Finlandian ingurumena zaintzeko mugimendu handia dagoela esango nuke. Txikitatik erakutsi digute horretan. Adibidez, artean haurrak ginela, elurra urtzen hasten zenean, irakasleek basora eramaten gintuzten udaberriro, basoa garbitzera, zaborra jasotzera! Elurrak zikinkeria estaltzen bazuen ere, zaborrik ez zegoela botatzerik erakutsi nahi ziguten. Oso ariketa interesgarria iruditzen zait, umeek ikas dezaten…
Moda jasangarriaren barruan, jantziak elaboratzen dituzu, zabaltzen dituzu, eskaintzen, arte erakusketak egiten.
Denetarik egiten dut, bai. Sasoi batean, artea besterik ez nuen egin, baina laster hasi nintzen produktuak ere egiten, eta antzerki munduan ere lanean; jantziak egiten, bistan da. Oso konbinazio egokia iruditzen zait.
Nola janzten gara hemen?
Finlandiarekin konparatuz gero, ondo, askoz hobeto! Dena den, han askoz ere nabarmenagoak dira tribuak: batean heavyak, bestean bestelakoak… Esaten dute hemen ilun janzten ote garen, eta denok berdin, baina edozein lekutan da berdin, globalizatuta dago. Kolore iluna dela-eta, adibidez, nik gehien saltzen dudan produktua kolore beltza da. Inork erabaki behar duenean, beltza aukeratzen du, edo grisa; batzuetan, gorria edo urdina ere bai, baina laranja, esate baterako, oso gutxitan. Eta horrela da leku guztietan. Diseinatzaileen lana aztertu eta horixe ikusiko duzu, denek ere oinarrizko gamara jotzen dutela, eta batzuetan, oinarrizko gama horren gainean koloreak sartzen dituztela.
Ilun eta berdin janzten da leku guztietan…
Ez hemen bakarrik! Zoaz Madrilera. Autobusean, beltza, grisa, beixa inoiz… Inork kolorea baldin badu, harrigarria ere bada batzuetan. Ni ari naiz, baina nik neuk beltza janzten dut askotan eta askotan! Kar, kar…
Eskuko poltsak ere egiten dituzu zuk, moda jasangarriaren barruan.
Bai, industri hondakinez eginak. Autoko segurtasun-uhalak baliatzen ditut horretarako, adibidez, edo autoen jarlekuak tapizatzeko larrua. Kalitatea zaintzen dut, eta ondo egiten saiatzen naiz!
Slowbag duzu marka.
Ezaguna da slow mugimendua. Orain dela hamar urte baino gehiago, proiektu artistikoa egitea bururatu zitzaidan, eta Gipuzkoako Diputazioaren laguntzaz egin nuen: Slowfashion moda mantsoa izendatu nuen. Garai hartan ez nekien slow mugimendua modan zegoenik ere. Banekien slowfood mugimendua ere bazela, baina besterik ez! Diote 2007an sortu zela mugimendua. Bada, hiru urte lehenago slow proiektua egina nuen nik! Bizimodua lasaiago hartu behar dela, alegia, ez orain bezain korrika eta presaka. Eta berdin, moda munduan. Ez dakit dakizuen, baina, gaur egun moda industriako diseinatzaileek urtean lau bilduma ez, hilean egiten dute bat! Gehiegizkoa da. Oso ziklo azkarra da. Diseinua egin eta handik bi astera dendan prest dago janzkia!
Eroslearentzat ere azkarregi.
Bai, noski. Askotan joaten naiz birziklatze zentrora, eta galdetu izan dut: "Zenbat arropa jasotzen duzue hilean Gipuzkoan?". Erantzuna, "Batez beste, 200 tona!". 200 tona hilean, Gipuzkoan! Hortik atera kontuak! Eromena da! Industriak produzitzen du, guk kontsumitzen dugu, eta berehala botatzen! Ikertu dutenez, batzuetan, hiru aldiz jantzi eta bota izan du arropa jendeak. Horregatik diot, bada, eromena dela! Ez dut gurpil horretan sartu nahi, hasieratik izan dut garbi horrelako modarik ez nuela egin nahi, ez nuela moda industrian sartu nahi. Independentea naiz, eta ondo doakit, hainbat arlotan ari naizelako lanean.
1996an etorri zinen Finlandiatik Euskal Herrira. Gurean, sasoi batean, "Euskandinavia" zuten batzuek amets. Oraindik orain esan didate, berriz, Europa iparraldeko herrietan dela jendea zoriontsuen.
Ez dakit, bada! Nire senarrak esaten du hemengoak direla zoriontsuenak! Kar, kar… Eta nola neurtu behar duzu zoriona? Ikerketa batzuek esaten dute jenderik zoriontsuena Brasilen duzula, faveletan… Absurdoa iruditzen zait! Finlandiakoa, adibidez, oso gizarte iluna da, arazo asko ditu gordean, ez dira azaltzen, baina hor daude arazoak. Nik handik irten eta beste leku batzuk ezagutu nahi nituen. Eta ezagutu nituen, Donostiara etorri nintzen arte. Ordurako, artea zen nire lana. Estudio bat hartu nuen errentan Artelekun, eta feltroarekin lanean segitu nuen, hondakinak hartu eta haiekin esperimentatzen, janzki itxurako eskulturak egiten. Bestalde, osaba ere hemen bizi izana zen, Jorma Thusberg, Txuri Urdin izotz-hockey taldeko entrenatzailea izan zen, eta oso ondo hitz egiten zuen beti euskaldunen gainean. Artean Finlandian, euskaldun bat ezagutu nuen, eta horrela, "Herri hori ikusi beharra daukat nik!", esan, eta hemen naiz harrezkero, gustura.
Hemen zara, eta euskaraz, euskaldunaren modura.
Gutxitan joan nintzen eskolara euskara ikastera. Urte eta erdi. Oinarrizko hitzak ikasi nituen, besterik ez. Gainerakoan, euskaraz entzun eta hitz egin dut, besterik ez. Hainbat hizkuntza ikasi ditut, eta, agian horrek lagundu dit euskaraz hitz egiteko beldurrik ez izaten. Gaztelania, aldiz, liburuetatik ikasi nuen, oinarrizko ikastaro batzuk egin nituen unibertsitatean eta, gainerakoan, liburuak irakurriz eta hitz eginez ikasi dut. Aukeran, nahiago dut hitz egin, besterik gabe. Familia euskalduna da, eta horrek ere hainbat laguntzen du, jakina.
Finlandia–Euskal Herria "Suomitar" elkarteko kide eta buru zaitugu 2000tik hona.
21 lagun gara, finlandieraz mintzo diren euskaldunak, eta hemen bizi garen finlandiarrak. Urtean behin edo bitan elkartzen gara, eta euskara-finlandiera, suomei-baski hiztegia izan dugu proiektu nagusia. 2012an gauzatu genuen, mila aleko edizioa egin, eta ia-ia osorik saldu genuen. Bigarren edizioa egitekoak gara orain…
Finlandiarra zaren horrek, zer duzu gurean falta?
Finlandiako paisaia, beharbada. Zoragarria da hura, hango lakuak eta beste! Isiltasuna falta zait hemen. Askoz ere zarata gehiago dago, hirian bereziki! Bestalde, Euskal Herrian mendira joan eta jendea beti! Finlandian ez, han basora joan eta inor ez! Ez duzu bakardadea besterik. Batzuetan falta zait, bai. Eta elurra, hango elurra, dena zuri! n | news |
argia-b2faa246677f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/garoa-kultur-lab.html | Ez dute paperik galdu | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-07-26 | Ez dute paperik galdu
Eskerrak oraindik jende zoroa geratzen dela. Arriskuak hartzeko prest dagoen jendea. Liburu denda bat mantentzearekin konformatu ez eta beste bat abian jartzeko adorea daukana. Barka, gaizki esan dugu: Garoa ez da denda hutsa, zerbaitengatik dauka "kultur lab" apellidua. Lehenbiziko urtea bete du proiektuaren Donostiako adarrak eta joan den ostiralean ospatu zuten.
"Auzoan edukitako harrera eskertu nahi diagu", dio Garoako Imanol Agirrek. Groseko Zabaleta kalean dagoen lokalari lehen kandela itzali aurretik ari da telefonoz. Egindako bidea baloratzen hasita, antolatutako ekitaldiek deitzen dute arreta, Donostian martxan jarri zirenetik 200 inguru –soberan dago gogora ekartzea urteak 365 egun dituela; sekulako erritmoa da–.
"Beharrezkoa genian hasieran halako soinua sortzea; azken finean, pertsonok ohituraz funtzionatzen diagu: jendea hona gerturatzen saiatzeko eta bere ohituren artean sartzeko egin diagu". Ahalegina handia, baina harrera ere ona. "Konturatzen gaituk familia bat sortzen ari dela hemen. Garoak daukan planteamendua hori duk, irakurle taldetik hasi eta 'Paperezko kontzertuak' edo 'Paperezko antzerkia'-rekin familia bat sortzea". Dendan antolatu dituzten bi egitasmori buruz ari da: liburu artean egin diren kontzertu eta antzezlanak, dimentsio txikirako pentsatuak, publikoari esklusibotasun sentsazioa transmititzen diotenak.
Musika emanaldiak izan dira ekitaldien artean arrakastatsuenak, gonbidatuak ere ez baitira makalak izan –The Wave Pictures, Jabier Muguruza, The Sadies, John Berkhout, Robert Ellis…–, gehi aurretik Zarauzko Garoan aritu izan direnak. Zarautzen, bai, bi buruko animalia kulturalaz ari baikara: kostaldeko herriko Trinitate kalean Imanol eta Eneko Agirre anaiek gurasoengandik jasotako proiektua da duela urtebete kapitalera hedatu zutena.
Apustu bat? Ondo kalkulatuta zeukaten dena? Ezetz dio Agirrek: "Askotan bideragarritasun-planak gezur handi bat direla iruditzen zaidak, ikusi besterik ez zegok autopistetako obren aurrekontuak zenbat igotzen diren". Kalkulua baino, grina da hitza: "Kaskezurrean sartzen zaidan guztia egin behar izaten diat. Amets bat zuan eta probatu behar, 'egin izan banu' esaten ez geratzeko".
Mende honetako liburu denda sortu nahian
Baina liburuak, nork erosten ditu? Ez da kultur produktu desiratuena inondik inora, maiz argitaratzen dira "irakurlearen heriotza" iragartzen duten iritzi –dena esan behar bada– apokaliptiko samarrak. Beraz ez, ez dago "irabazi-asmo handirik" horrelako zerbait martxan jartzen duzunean, Agirrek berak aitortzen dizu: hilero langileei soldata duina pagatzeko edukitzea, horixe erronka.
Eta horretarako ere beste osagarriak behar: "Liburu dendariak edozer gauza sal zezakek, motxilak, jostailuak, fotokopiak edo kinielak. Guk hasieratik argi eduki diagu halako militantzia bat sortu behar geniala inguruan, horretaz ari ninduan lehen familiak aipatzean". Antzeko zerbait egiten saiatzen da Amara auzoko Kaxilda liburu denda ere, beste ikuspegi batekin Agirreren ustez: "Saiakerei garrantzia emanez eta politikaren ikuspegitik ahalegintzen dituk haiek. Gure kasuan, garbi genian zentzu kulturaleko zerbait behar zuela. Hortik aurrera, etorkizuneko liburu denda nolakoa izango den inork ez zekik".
Atrebentzia handia ez bada, agian bai esan liteke erosteko baino egoteko lekuak izango direla. Kaxildan jan-edanerako aukera dago, adibidez, haren Iruñeko lehengusu Katakraken bezala. Eta Garoak urteurrenarekin iragarri duen nobedade txikia ere hori da: mahai batzuk jarriko dituztela garagardo bat edo kafe bat hartu nahi duenarentzat –"edo, besterik gabe, wifia txupatzeko" dio barrez Agirrek–. Segi aurretik ñabardura dena den: "Ez diagu esan nahi kafetegi garenik, liburu denda izaten jarraituko diagu".
Bigarren eskuko harribitxien bila
Etengabe bide berrien bila, hemendik aurrera "bi pauso atzera" egingo dituztela dio Agirrek, gero "hiru aurrera egiteko". Berriz ere oinarriari garrantzia emateko tenorean daude: "Ez diagu nahi hau kontzertu areto bihurtzea ere". Literaturari eta liburuari lotuago nahi dituzte ekitaldiak. Gainera, bigarren eskuko liburuekin betetzen ari da dendaren atzeko partea. Geroz eta zabalduago dago eredu hori, begiratu bestela Iruñean martxan jarri duten Re-Read frankiziako denda berria.
"Alde batetik jendeak merke nahi dik erosi; bestetik, izugarrizko harribitxiak aurkitzen dituk". Hizkuntza ugaritan, Garoaren kasuan: euskarazko eta gaztelaniazko aleak zeuzkaten orain arte, Donostian eta inguruetan lortuak; eta orain frantsesezkoak eta ingelesezkoak gehitu zaizkie, Ziburun itxi zuten To The Lighthouse dendarekin egindako tratuaren ondorioz.
Papera, papera eta papera da kontsigna: duela urte batzuk liburu elektronikoak eskaintzen zituen aukerak aztertzen aitzindari izan ziren Agirre anaiak, baina alor hori ez dela beraien terrenoa jabetu dira. Gainera, paperak bestelako esperientzia eskaintzen duela konbentzituta dago Imanol: "Irakurri, egunean behin edo bitan egin zezakeagu: gozatu dezagun ahal dugun moduan. Nik nahiago papera eskuan hartuta". | news |
argia-b185e5c56a3c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/arrastoak.html | Korapilo gordiarraren jatorria askatzen | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-07-26 | Korapilo gordiarraren jatorria askatzen
Gordio Frigiako (egungo Anatolia, Turkia) nekazaria zen, eta haren ondasun bakarrak gurdia eta hari tira egiteko idi parea ziren. Frigiarrek erregea behar zutela erabaki zutenean, orakuluari aholkua eskatu zioten eta hark gurdi batean ikusten zuten lehen gizona aukeratzeko esan zien. Hala, Gordio Frigiako errege izendatu zuten, eta monarka berriak, esker onez, Zeusen tenplura eraman zuen gurdia. Haren pertika eta uztarria korapilo berezi batez lotu zituen; soka muturrak korapiloaren barruan omen zeuden ezkutatuta eta, horrenbestez, askaezina zen ia. Inork askatzen bazuen Inperio Unibertsala eskuratuko zuen.
Beti ere kondairaren arabera, Alexandro Handiak, Frigia mendean hartu zuenean, korapiloa askatu ez, baina ezpataz ebaki zuen.
Horregatik, "korapilo gordiarra" esamoldea gainditzen zaila den edo konponezina den eragozpena adierazteko erabiltzen da. | news |
argia-ec940a13e1b0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2471/atertu-arte-itxaron.html | Euskal uda euritsuak | Amaia Alvarez Uria | 2015-07-26 | Euskal uda euritsuak
Atertu arte itxaron
Katixa Agirre
Elkar, 2015
"Atertu arte itxarotea proposatu duzu; barre egin dizut, inuzente halakoa". Horrela agertzen zaigu liburu honen izenburua testuan. Protagonistak liburua idazten ari den Ulia mezzo-soprano gasteiztarra eta Avilako Gustavo unibertsitateko irakaslea dira. Madrilen bizi da bikotea eta oporretan Euskal Herrian zehar kotxez bidaiatzea erabaki du, On the Road edo Beribilez lanak eredu hartuta.
Bidaia ez da bakarrik denboran eta espazioan gertatzen den mugimendu fisikoa, bilaketa, ihesa edo memoria ariketa izan daiteke, kasu honetan hirurak. Euskal gatazkari begiratzeko beste saiakera bat, bakezaletasuna ardatz duena. "Memoriaren barrunbeetan" sartuko da protagonista, maila pertsonal eta kolektiboan bizi (izan) dituen gatazkei buruz hitz eginez. Plano batean bikotearen eta familiaren gorabeherei buruz arituko zaigu eta beste plano batean "aktualitatea"-ren bilakaera agertuko zaigu, bi planoen arteko joan-etorriekin. "Tira, gure istorioan bonbak daude, eta hildakoak. Horrek egiten du agian diferente. Komedia erromantikoetatik diferente, esan nahi dut, ez munduan barrena suertatuko diren hamaika maitasun istorioetatik diferente".
Pertsonaien gatazken barruko eta kanpoko begiradak emango zaizkigu, diskurtsoa, identitate eta jarrera anitzak eraikiz: ni eta zu ditugu, baina gu ere badugu. Baina nor da gu? Batzuetan bikotea, besteetan aberria. Bestea(k) nor d(ir)en ere aldatzen doa testuan zehar: belaunaldi, sexu edo genero bizipen, lanbide eta zaletasun desberdinak dituztenak agertzen zaizkigu "exotiko". Adibidez, Sarah kazetaria ("Beldurra ematen didate tabernetan bakarrik edaten duten emakumeek"), Joseba aitaordea ("Ez nago ohituta beren bihotza parez pare zabaltzen duten gizonekin"), edo Benjamin Britten eta Peter Pears musikari bakezale eta gay-ak.
Bidaia baterako gonbitea, beraz. Eta irakurketari hasiera emateko (eta kritikari amaiera) bidaia intertestual txiki bat proposatzen dizuegu: 1) Pasarte batzuei darien ironia –Karmele Jaioren azken lanean antzeko umorea topatu genuen–. 2) "Marmotaren eguna" edo "Wild wild west" esaera ezagun eta erabiliek zinema estatubatuarrera garamatzate, honen eragina agerian utziz. 3) Ione Gorostarzuren Maite ditut zakilak gogorarazi digu protagonistak bere bikotearen zakilari buruz esandakoak. 4) Bip egiten duen makina ere agertzen da, nahiz eta segur aski ez duen Monty Python-ekoek zuten helburu komikoa. 5) JK kokteleriari buruzkoek Danele Sarriugartek Zulo tabernari buruz kontatutakoa berritu digute, idatziz jasota geratuko den Bilboko mikro-historia. 6) Eta amaitzeko BMV autoa eta honen iragarki ezaguna: "Te gusta conducir?" , abentura hau girotzera datorrena azaleko iruditik bertatik. | news |
argia-1046b2f5d6dc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/tabula-rasa.html | Tabula rasa | Itxaro Borda | 2017-12-17 | Tabula rasa
Islandiatik etorri zaigu, azken egunetan, Utopiaren soinu banda Björk erraldoiaren eskutik eta urtea bukatzen doala Axiari aita-semeek Joseba Irazokirekin, Omaha hiriaren bihotzetik oparitzen diguten albuma, biak uztartzen ahal ditugu Eguberriko menskeria kontsumitzaileen hatzak ezabatzeko: buklean entzuten ditugu Tabula Rasa eta Wounded Knee Prayer… Egiaren errateko Oier Etxeberriaren Locuela sinetsi ezinak belarri zokoan dauzkagula garunak alaitzeko!
Erakunde armatuak orain presoak beraien bideak azpatzeko aske utzi ditu, legedia komunak onartzera hots, hainbat urtez estatutu politikoa aldarrikatu ondoan! Borroka galdua zela ikusi zukeen garaian bertan abandona zezakeen kartzelako gai hau. Arren, hurbildu daitezela presoak, atera daitezela atera behar dutenak eta hortik aurrera herri honen etorkizuna birpentsa dezagun kolektiboki eta guhaurrekiko begi kritikoa landuz, biolentzia eta bortizkeria jaiduren nostalgiarik gabe.
Elurrak estaltzen ditu Reykjavikeko ilunpeak eta Springsteenek aspaldi abesturiko Nebraskako lautada hormatuak. Musikak salbatu gaitu betidanik. Aldion ere tabula rasa egitear gaudenean, melodia anitzek eramango gaituzte urratsez are harago. | news |
argia-cc264664d82f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/zapiak.html | Zapiak | June Fern�ndez | 2017-12-17 | Zapiak
Valladolid. Iraileko arratsalde eguzkitsua. Karima, Arantxa eta beste lagun bat euren seme-alabekin zeuden auzoko igerileku publikoan. Gustura zeuden zelaian, jantzirik, haurrak jolasean begiratzen zituzten bitartean. Bat-batean igerilekuko zaintzailea gerturatu zitzaien: "Hemen ezin duzue jantzita egon. Arropak eransten ez badituzue, igerilekutik alde egin beharko duzue. Bestela, poliziari deituko diot". Zelaian jende gehiago zegoen jantzirik, baina Karimak eta lagunak hijaba zeramaten. Arropa hori izan zen zaintzailea gogaitu zuena.
Burua makurtu gabe, poliziari dei ziezaiola erantzun zuten emakumeek. Bi udaltzain hurbildu ziren Karima eta honen lagunarengana eta dokumentazioa eskatu zieten. Arantxari ez zioten ezer eskatu. Karimak haien jarrera hura gertakari sexista eta arrazistatzat jo zituen, udaltzain batek "Espainian zaude, neska. Nik esango banizu zer den arrazakeria...", erantzun zion.
Karima eta Arantxa ez ziren isilik gelditu. Komunikatu bat idatzi zuten Facebooken. Hedabideek albistea zabaldu zuten eta kirol zinegotziarekin bildu ziren. Zinegotziak onartu zuen ez dagoela zelaietan kaleko arropekin jantzita egotea debekatzen duen araudirik. Baina ez zuen polizien eta zaintzailearen kontrako neurririk agindu. Valladolideko koordinakunde feministak ez zuen elkartasunik adierazi, ez haren inguruko sindikatuek, ezta alderdi politikoek ere.
Getxoko "Zurrumurrurik ez!" estrategiaren testuinguruan, islamofobia eta generoari buruzko mintegi batean parte hartu dut berriki, Bidaya elkarteko Hajar Samadirekin batera. Valladolidetik itzuli berria, pasadizo hori kontatu nuen. Hajarrek hamaika istorio zituen kontatzeko. Gogorrena, Marwa El-Sherbiniren kasua, Alemaniako Dresden hirian bizi zen egiptiar jatorrizko emakume batena. Gizon txuri baten hitzezko eraso eta jazarpenak salatu zituen. Epaiketan bertan gizon horrek El-Sherbini sastakaiz erail zuen 2009. urtean.
Karima eta Arantxa ez ziren isilik gelditu. Komunikatu bat idatzi zuten Facebooken, hedabideek albistea zabaldu zuten eta kirol zinegotziarekin bildu ziren. Zinegotziak onartu zuen ez dagoela igerilekuko zelaietan kaleko arropekin jantzita egotea debekatzen duen araudirik. Baina ez zuen polizien eta zaintzailearen kontrako neurririk agindu
Hajarrek salatu zuen Euskal Herrian ere zapia erabiltzen duten emakumeek enplegua edo etxebizitza bilatzeko orduan, diskriminatuak izaten direla maiz. Hijaba emakume musulmanen zapalkuntzaren seinalea dela uste duten pertsona berberek, zapia janzten duten emakume musulmanen funtsezko eskubideen urraketak onartzen dituzte. Gorrotoa sustatzen duten diskurtsoak onartuz indarkeria legitimatzen dute. Genero islamofobia indarkeria xenofoboa da (nahiz eta emakumeak bertokoak izan, Islama arrotza bezala ikusten delako), baina baita sexista ere. "Gizarteak emakume musulmanak jaurtitzeko arma gisa erabiltzen ditu Islamaren kontra", azaltzen du Ramia Chaoui youtuberrak burkiniaren debekuei buruzko bideo batean .
Eskuin-muturreko taldeekin lotzen dugu genero islamofobia, baina mugimendu ezkertiarretan ere forma leunagoekin agertzen da. Hajar Samadik gorroto diskurtsoak eta diskriminazio kasuak luze aztertu zituen bere hitzaldian, baina solasaldian hitz egin zuen lehenengo pertsonak, gizon txuri nagusi batek, Muhammad profetaren historia bi minututan kontatu izana aurpegiratu zion: "Ez ditut liburu sakratuak eta santuak gustuko". Ondoren beste gizon txuri batek etorkin eta errefuxiatu ateoak ikusgai egiteko beharra aldarrikatu zuen. Hortik aurrera, ez genuen islamofobiaren kontrako estrategien inguruan sakondu; Islama eta Estatu laikoa bateragarriak ote diren eztabaidatu zen, betiere gure ikuspuntu etnozentrikotik abiatuz.
Brigitte Vasalloren hitzak ditut gogoan: "Eraso islamofoboez ari garenean eztabaidetan galtzen bagara, kaltetuen alde egin beharrean, erasoaren parte bihurtzen gara". | news |
argia-9991e22c09d6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/eneko-aierbe-ekologistak-martxaneko-arrantza-arduraduna.html | "Europako arrantza kuotak zientziak dioenaren gainetik erabakitzen dira gehiegitan" | Jabi Zabala | 2017-12-17 | "Europako arrantza kuotak zientziak dioenaren gainetik erabakitzen dira gehiegitan"
Itsas zientzietan lizentziatua eta duela urtebetetik Ekologistak Martxan taldeko Espainiako Estatuko arrantza arduraduna da Eneko Aierbe donostiarra. Arrantza jasangarria lortzeko eta Europar Batasunak arrainen berreskurapenerako ezarritako epeak betetzeko kanpaina egiten ari da azkenaldion. Egunotan –elkarrizketa hau egin ondoren– Bruselan erabaki diren gehienezko arrantza kopuruek epe horiek baldintzatuko dute.
Zer da proposatzen duzuen arrantza jasangarria?
Arrantza jasangarria zientzialariek aholkatzen duten neurrian arrantzatzea da. Frogatuta dago ona dela guztiontzat, epe luzera gehiago arrantzatzen uzten duelako. Kantauriko eta Iberiar penintsulako stocken egoera ez da aldatu azken urteotan: erdia era jasangarrian ustiatuta, eta beste erdia gehiegi. Ezagutzen ditugun populazioei buruz ari gara, beste batzuei buruz ez baitago nahikoa daturik neurketa egiteko. Mediterraneoan, aldiz, erabateko arazoa dago, Atlantikoan baino askoz okerrago dago egoera han.
Orduan kuotak murriztea da konponbidea, populazioak berreskura daitezen.
Ez da beti derrigorrez murriztea, zenbait kasutan zientzialariek onartzen baitute gehiago arrantzatu daitekeela. Adibidez, oraintsu egon da Atlantikoko hegaluze eta hegalaburraren kontserbaziorako nazioarteko ICCAT batzordearen bilera eta, hegalaburraren egoera hobea denez, igoera onartu dute datozen urteetarako. Atunaren egoera hobetu da azken urteetan, oso maila baxuan egon zelako, baina igoera guztiak neurriz egin behar dira, aurreko puntura ez itzultzeko. Zigalaren kasuan, aldiz, jasangarritasunerako bidean dago, aurten, zientzialariei kasu eginda, Kantauri itsasoan ezin izan delako harrapatu.
Nolakoa da arrantzaren egoera Europako uretan?
Arrantza politika bateratua 2014an indarrean sartu zenean ekologistok pozik hartu genuen, zentzudunak ziruditen hainbat hobekuntza zekartzalako. Arrantza jasangarria lortzeko epemuga batzuk ezarri zituen politika hark: 2015erako handinahikeria zirudien baina 2020rako, gure ustez Atlantikoan, Bizkaiko Golkoa barne, egingarria zirudien. Orain ikusten ari gara 2020rako ez garela iritsiko.
Berreskurapena azkartzea eskatzen duzue orduan?
Bai. Europar legediak dio 2020rako biomasa guztiak gehienezko errendimendu jasangarrira heldu behar direla, baina martxa honetan ez dugu helburua beteko. Helburua populazio guztiak era jasangarrian, etekin handiena lortuz arrantzatzeko moduan egotea da. Zorionez badirudi gero eta hobeto goazela, baina ez goaz abiada egokian.
Zer da gehienezko etekin jasangarria?
Oreka puntua litzateke, populazioak gehien non ematen duen jakinda, hor jartzea kuota. Azken batean, arraina baliabide berriztagarria da. Berreskuratzen ari den populazioa heltzen da kopuru batera azkar, baina puntu batera heldu eta gero ez da abiadura handiagoz haziko, muga biologikoak daudelako. Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak (ICES) kalkulatua da, bertan parte hartzen dute AZTIk eta Espainiako Ozeanografia Institutuak (IEO), beste askoren artean. Hainbat datu bildu ondoren gai dira esateko populazioen egoera zein den eta horren arabera noraino arrantzatu daitekeen.
Europak ez du bere legea betetzen orduan?
Arrantza politika bateratuak dio 2015erako eta zenbait salbuespenekin 2020rako bete behar dela gehienezko etekin jasangarria, irizpide horrekin ustiatu behar direla arrain populazio guztiak, baina ikusten ari gara ez dela beteko.
Zer ari dira erabakitzen Bruselan egunotan?
Legeak helburuak ezartzen ditu 2020rako, baina gero urtez urte kopuru zehatzak erabakitzen dira, ministroen kontseiluan. Urtero abenduan erabakitzen da zenbat arrantzatu arrain mota gehienentzat. 28 arrantza ministroak biltzen dira, ateak itxita, eta ez dakigu zer gertatzen den bilera horretan. Gure susmoa da kromo trukea dela. Zientzialariek emandako kopuruetatik gora ibiltzen dira gehiegitan. Adibidez, legatza azken urteotan aholkatutakotik gora arrantzatzen da. Zapoaren kasuan kontrakoa gertatu da: aholkatutakoa bete dute politikariek eta, ondorioz, neurrian harrapatuta, hazten ari da populazioa eta urtez urte haziz doa kuota. Gure sentsazioa da arrantzaren elkarte handiak hor daudela lobby lana egiten, beren interesak babesten. Guk negoziazioak irekiak eta gardenak izatea eskatu dugu, baina ez dute nahi.
Lobby lana egiten dute agerian?
Hainbatetan ikusi ahal izan da bilera horiek egiten zirenean industriaren ordezkariak eraikin barruan zeudela. Urtero agertzen da sare sozialetan eta prentsan ministroa industriaren ordezkariekin biltzen dela, beraien ikuspuntua ondo ordezkatuta egoten da bilera horietan.
Zuek ere lobby lana egiten duzue, Bruselari eta Madrili begira.
Noski, guk argi diogu politikariengan eta jendearengan eragin nahi dugula. Como pez en el agua (Arraina uretan bezala) kanpaina jarri dugu martxan gai hau gizarteratzeko, eta politikariekin bildu gara, jasangarritasun helburuei eutsi diezaietela eskatzeko. Legea nahiko ona da eta epean betetzea besterik ez diegu eskatzen. | news |
argia-15cbeaa78e19 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/oholtzako-zirrikituak.html | Oholtzako zirrikituak | Kattalin Miner | 2017-12-17 | Oholtzako zirrikituak
Susmatzen genuen, baina aurtengo Txapelketa Nagusiak baieztatu digu: bertsoak eztabaidarako ematen du. Irailean banatu genuen pastela, Kattalin Minerrentzat kroniken erdiak, Kepa Matxainentzako beste erdiak. Geroztik bakoitza bere kasa ibili da, eta, orain, finalaren atarian, berriro elkartu gara txapelketaren aitzakian han-hemen atera diren eztabaidagaiez patxadaz solasteko. Segidan daukazue ia ordu beteko hitz-aspertutik berreskuratu duguna.
Ze inpresio orokor aurtengo Txapelketaz?
Kepa Matxain: "Gidoiaren puska handi bat aurrez idatzia dago. Horregatik sortzen dira sarri unerik ederrenak bertsolariek kortse horretatik ateratzea lortzen dutenean"
Kepa Matxain: Iruditzen zait aurrez ezarritako kortse handi bat dagoela. Gaietatik hasita, oso markatua dago ariketa bakoitzean nola kantatu behar den: zortziko handian seriotik, txikian arinkeria, puntu erantzunetan ahal duena salba dadila, hamarreko txikian edo seiko motzean ahalik eta arrazoirik potoloenak, eta kartzelan epika barra-barra. Gidoiaren puska handi bat, saio bakoitzaz espero daitekeena, aurrez idatzia dago. Horregatik sortzen dira sarri unerik ederrenak bertsolariek gaiari kontrapuntua bilatzen diotenean, edo kortse horretatik ateratzea lortzen dutenean. Adibidez, Sarriegik Irungo eta Iruñeko kartzelakoetan asmatu zuen. Hiru bertso bikain josi zituen, umoretik, erakutsiz umoreak ere balio duela kartzelakorako, ez duela zertan egon zortziko txikirako erreserbatua.
Kattalin Miner: "Sarri entzulea umore egarriz dago, baina ulertu da ezin dela eskatu txapelketa batean umoretik gehiegi, eta gero, kolpe txikienarekin ere, saioa lehertzen da"
Kattalin Miner: Iruditzen zait, batzuetan oso exijenteak garela eta beste batzuetan gauza gutxi eskatzen dizkiogula txapelketari. Izan ere, umorearekin adibidez, uste dut sarri entzulea umore egarriz dagoela, baina ulertu da ezin dela eskatu txapelketa batean umoretik gehiegi, beste leku batzuk daudela horretarako, eta gero, kolpe txikienarekin ere, saioa lehertzen da. Hori irakurtzen jakin behar genuke.
Zer ariketak behar du berrikuspenen bat?
K. Miner: Puntukakoa, plazan suelto ibili zaitezkeen ariketa bat da. Txapelketan ez dakit zentzu bera daukan, zeren lortu behar da errima ondo sartzen, erantzun pertinentea ematen, eta hala, inoiz gutxi ateratzen dira saio gogoangarriak. Hori bai, onak direnean, oso onak dira.
K. Matxain: Puntu erantzunena iruditzen zait nabarmenagoa. Begi bistakoa da puntu erantzunen egungo formatuak ez duela funtzionatzen. Balio du plazarako, han bertsolariari jartzen zaizkiolako bere bizitzarekin zerikusi zuzena duten puntuak. Publikoak ezagutzen du bertsolaria, badaki ze mundutatik datorren, kodea ulertzen du, eta ariketak funtzionatzen du. Txapelketan, ordea, ulertzen da afera pertsonalak puntutzat jartzea ez dela justua, desorekak sor daitezkeelako, eta soluzio gisara proposatzen dira gai orokorrei buruzko puntuak, "aberatsak aberats / ta pobreak pobre" tankerako esaldi eginak. Halako puntu bati bizi erantzuteko modu ia bakarra da puntua bera erridikulizatzea. Ez dakit zein den konponbidea. Agian jarri behar dira plazako estiloko puntuak, pertsonalagoak, nahiz eta injustua izan. Edo agian pentsatu behar da ea ariketa horrek baduen txapelketan tokirik, ez dakit. Baina hitz egin behar da auziaz.
Kepa Matxain: "Sarriegik Irungo eta Iruñeko kartzelakoetan asmatu zuen. Hiru bertso bikain josi zituen, umoretik, erakutsiz umoreak ere balio duela kartzelakorako, ez duela zertan egon zortziko txikirako erreserbatua".
Posizio beretik ala desberdinetik abiatutako ofizioak?
K. Miner: Epaileen lana esker txarrekoa dela diogu, eta gai jartzaileentzat ere ez da erraza hainbeste gai pentsatzea, baina komentarioak egoten dira: zortziko handiko gaietan, adibidez, bigarren bueltan hasi dira bi posizio desberdinetan jartzen bertsolariak, eta eskerrak! Zeren aurrekoetan… estimatzen zen bakarra izaten zen hortik zerbait atera ahal izateko bertsolariaren gaitasuna. Aldiz, kartzelako gaiekin gozatzen ari naiz. Amurrion jarri zuten usainarena, adibidez. Pentsatu nuen: nola ez da lehenago gai hau atera? Ze usaina irudi baten bidez eta ahozkotasunaren bidez deskribatzeak joko asko ematen du. Horregatik atera ziren hain bertso onak.
Nola dago diskurtsoaren eta teknikaren arteko tentsioa?
Kattalin Miner: "Txapelketa gure kultur idiosinkrasiaren adierazpide bada, eta bertsolariei egozten badiegu gure ordezkaritza moduko bat, eskatu behar zaie diskurtsiboki ere ekarpena egitea"
K. Miner: Hemen galdera nagusia zera da: diskurtsoa puntuatzen al da? Oraindik orain, formari puntuazio ona ematen zaio, eta noski, txapelketan gaude, baina badago talka bat, zer esate horretan. Gainera, hartzen badugu txapelketa gure kultur idiosinkrasiaren adierazpide bezala, eta egozten badiegu gure ordezkaritza moduko bat bertsolariei, eskatu behar zaie diskurtsiboki ere ekarpen bat egitea. Horrek zenbateraino balio duen BECen sartzeko? Txapela janzteko dena bete behar ote duen bertsolariak? Beste debate bat da.
K. Matxain: Ezinbestekoa da diskurtsoaren txip hori piztuta edukitzea, konturatzea mikrotik botatzen den mezuak zer indartzen duen, zer jartzen duen zalantzan. Gainera, azkenaldian ahots asko sumatzen ditut bertsolaritzari hortik begira. Baina "fondo-forma" eztabaidak gauza batzuk azaltzeko balio duen arren, zurrunegia iruditzen zait puntu batetik aurrera, zerbait desberdin esaten duena de facto zerbait desberdina esaten ari delako. Adibidez, Mauleko saioa ez zitzaidan gustatu. Diskurtsiboki aztertuta, ez nuen inolako mezu desegokirik edo hanka sartzerik detektatu. Zergatik ez zitzaidan gustatu? Hain justu diskurtso hutsa ez den beste zera horren falta sumatu nuelako. Beste adibide bat: zergatik dira onak Lujanbiok Irungo kartzelakoan bota zituen bertsoak? Transgeneroen gaia mahaigaineratu zuelako? Edo esan zituenak esan zituen bezala esan zituelako? Niretzat fokua hor jartzea da interesgarria, ze bestela ematen du panfleto bat epaitzen ari garela, eta bertsoak, ona izango bada, ezin du panfletoan gelditu.
K. Miner: Hor gainera falazia handi bat dago, eta da pentsatzea gizartean "modan" dagoen gai bati kantatze hutsagatik txaloak irabazten direna. Hori ez da horrela. Arrazakeriaren gaia atera dezakezu, eta ez inorengana iritsi, ez duzulako sinesgarri egin, ez duzulako enpatiarik sorrarazi, ez duzulako entzulea bere eserlekutik mugitu, eta horregatik ez ditu puntu gehiago irabaziko. Arriskatze bat egon behar du, ez panfleto hutsa bota. Hartzailea bestela posizionatuko ez den leku batera eraman behar duzu. Lujanbiok transgeneroen gaiarekin beste gauza bat egin zuen: pertsonaien bidez entzulea bera harritu zuen. "Uste nuena ez bada, zer da aurrean dudan hori?". Saioko irudietan ikusten da hiru bertsoetan zehar nola entzuleari burua lehertzen ari zaion. Ez du hitz egin soilik transgenero horren bizipenetatik lehen pertsonan, bere trauma guztiez, baizik eta jarri dio aukera bat entzuleari jolasteko. Eta horrela, diskurtsiboki eratu du gauza oso kañero bat. Horrek puntuak merezi ditu? Bai, baina horrela egiteagatik, ez gai hori ateratzeagatik bakarrik.
K. Matxain: Oso erraz irudika dezaket transgeneroei buruzko bertso progre bezain kaskar bat. Lujanbioren meritua izan zen ertza topatu ziola gaiari, baina hurrengoan agian topatuko dio harrerako umeez kantatzen, edo Vatikanoko kardinalez, edo Autogobernu Ponentziaz.
Kattalin Miner: "Sinesgarritasunarekin erabat lotuta dago arriskatzea. Nerea Ibarzabalek bezala, haur baten azalean sartu eta argumentazioa jaistea minimora, esanez "Pika-pika gehiegi jan dituzu-eta"; hori arriskatzea da".
Epai irizpideren bat aldatu behar al litzateke?
K. Matxain: Iruditzen zait egokitasuna altu puntuatzen dela. Irristadarik gabeko bertso egoki josi, baina, era berean, distira gutxikoak puntuak lortzen ditu. Aldiz, norbait saia daiteke bertso batean ebidentetik haragoko zerbait esaten, erabat borobildu gabe. Gehiago puntuatzen da lehenbizikoa bigarrena baino. Uste dut arriskua hartzen duenari zor zaiola eskuzabaltasun pixka bat. Ez erortzea saritu beharrean, asmatzen saiatzea saritu behar litzateke, ze, bestela, mediokritateak irabazten du.
Pertsonaia sinesgarriak eraikitzen al dira?
K. Miner: Sinesgarritasunarekin erabat lotuta dago arriskatzea. Nerea Ibarzabalek bezala, haur baten azalean sartu eta argumentazioa jaistea minimora, esanez "Pika-pika gehiegi jan dituzu-eta"; hori arriskatzea da. Errazagoa da ume baten paperean jarri eta geuk esango genukeena esatea. Kontrapuntuan jarriko nituzke Beñat Gaztelumendiren Amurrioko bertsoak, dudarik gabe oso onak izan zirenak, baina 7 urteko ume baten pentsamenduak ez ziren horiek. Bertsoak izugarriak ziren, egoera oso ondo deskribatua zegoen, baina ez ote zen pixka bat izan geuk esan nahi dugun hori beste baten ahotan jartzea. Zilegi da, eta ahal dena egiten da, baina sinesgarritasun kontu bat da. Eta Labururen kamiseta ditxosozkoarekin beste horrenbeste, zenbateraino eraiki zuen hori esateko pertsonaia sinesgarria edo ez…
Kepa Matxain: "Entzulearen erreakzioak bertsolaria interpelatzen du, eta, orduan, entzulea bihurtzen da igorle, bere txalo, txistu, barre eta abarrak dira mezua, eta bertsolaria da hartzailea. Bi norabideko komunikazioa da, gainera bat-batean ematen dena. Baldintza horietan, fikzio purua egitea oso zaila da"
K. Matxain: Askorako eman zuen debate horrek. Niri zalantza piztu zidan, zenbateraino den posible fikzioa bertsotan. Batzuek azpimarratu zuten pintorearena rol bat zela, eta, hortaz, fikziotik ari zela Laburu. Argumentu horrek ez nau konbentzitzen. Entzuleen gehiengo handi batek ulertu bazuen une horretan Laburu ari zela kantari –eta ez pintorea–, nahiko froga iruditzen zait esateko bertsotan fikzioaren argumentuak ez duela hainbeste balio. Ze, bertsotan, entzulea ezinbesteko pieza da. Bertsoari ezin zaio aitortu pelikula, nobela edo munduko denbora guztiarekin ondu daitekeen zerbaiti adinako autonomia. Komunikazioaren oinarrizko eskemak dio: "igorlea – mezua – hartzailea". Bertsolaria da igorlea, bertsoa da mezua eta entzulea da hartzailea. Baina, era berean, entzulearen erreakzioak bertsolaria interpelatzen du, eta, orduan, entzulea bihurtzen da igorle, bere txalo, txistu, barre eta abarrak dira mezua, eta bertsolaria da hartzailea. Bi norabideko komunikazioa da, gainera bat-batean ematen dena. Baldintza horietan, fikzio purua egitea oso zaila da.
K. Miner: Askotan ematen du hori kritikatzea dela umorearen kontra egitea. Eta ez, niri umorea izugarri gustatzen zait, baina uste dut, hain justu, umore
Kattalin Miner: "Umore ona egiteko, etikoa, politikoa, izan behar du berdinen artean adostua, edo behetik gorakoa. Alderantziz eginez, jada badauden botere harremanak ari gara indartzen"
ona egiteko, edo etikoa, edo politikoa, behar duela izan edo berdinen artean adostua, edo behetik gorakoa. Alegia, homosexual batek barre egin diezaioke hetero bati edo homofobo bati, baina alderantziz eginez, jada badauden botere harremanak ari gara indartzen. Umorea egin behar da kontzientzia eta ardura politiko batekin.
Zenbateko garrantzia eman behar zaie puntuei?
K. Matxain: Bada han-hemen entzuten den iritzi bat, dioena "tira, bai, hau txapelketa da, baina lehiarena bigarren mailako kontua da. Begira diezaiogun honek uzten duen kultur sorkuntzari". Txapelketari txapelketa izaera kendu nahi horrek kirrinka egiten dit, arrazoi askogatik. Zer esanik ez postu onetan ibili ohi den norbaitek badio. Dena dela, puntuez hitz egitea ezin da ulertu kirol
Kepa Matxain: "Garai bateko kanonaren erakusgarri dira puntuak. Nola ez da interesgarria izango horretaz hitz egitea? Hori saihestu nahia iruditzen zait beharrezko eztabaida bat saihestu nahia"
logika hutsean. Puntuek ematen dute mila irakurketa egiteko bidea. Zer puntuatzen da altu? Zer baxu? Zergatik? Garai bateko kanonaren erakusgarri dira puntuak. Hor daude zazpi epaile, bertsolaritzaz luze gogoetatu duten zazpi buru, bertso bati zenbaki bat jartzen. Nola ez da interesgarria izango horretaz hitz egitea? Hori saihestu nahia iruditzen zait beharrezko eztabaida bat saihestu nahia.
K. Miner: Erabateko karga ideologikoa daukan balorazio bat da, gainera. Denok onartzen dugu objektibo izatea ezinezkoa dela… ba hitz egin dezagun subjektibitate horretaz! Eta ikus dezagun zer ari den baloratzen. Eta, berme bat izateko, jar ditzagun subjektibitate desberdinetako epaileak bertan. Jar dezagun, hasteko, emakume eta gizon, erdi eta erdi. Edo adin desberdinetako jendea… horrela izango dute oreka subjektibitateek, eta
Kattalin Miner: "Denok onartzen dugu epaitzerakoan objektibo izatea ezinezkoa dela… ba hitz egin dezagun subjektibitate horretaz! Eta, berme bat izateko, jar ditzagun subjektibitate desberdinetako epaileak"
egongo da berme bat bertsokera ezberdinak puntuetan jasota gelditzeko. Ze orain subjektibitatea onartzen dugu, baina subjektibitate batek irabazten die beste guztiei. Oso arriskutsua da hori, beti geratuko baita norbait ez duena kanon hori betetzen.
Nolakoa izan da kronikari izatea?
K. Miner: Niretzat ariketa berria zen eta gustura hasi nintzen, baina onartzen dut azkenekoetan neure burua harrapatuta, kateatuta ikusi dudala, zaila egin zaidalako hainbat gauza kritikatu, esan edo azpimarratzea. Uste nuen kritikatzeko zailtasunak izatea euskal literaturan bakarrik gertatzen zela, baina ohartu naiz bertsotan are zailagoa dela, eta horrek kronika txarragoak eginarazi dizkidala. Mundu txikia da, estima handia diozu jendeari, eta askotan gauza bat esan nahi eta ezinean gelditzen zara. Ez zait gustatzen egurra egurra emateagatik, baina banaiz eztabaidak mahai gainera ateratzearen aldekoa, eta ikusi dut neure burua lotuta kritika egiterakoan, konturatzen nintzelako esaten nuen edozer irakurriko zela luparekin. Ez ote naizen ni neu ere, bertsolariak txapelketan nola, enkortsetatuta ibili.
K. Matxain: Ni saiatzen naiz irakurri nahi nukeena egiten. Irakurle gisara, kronika bat irakurtzeko bost minutu hartu behar baditut, gustatzen zait kazetariak bere arrastoa uzten duenean. Noski, bustitzen bazara, beti dago arriskua jendeari ez gustatzeko, edo norbait mintzeko. Hori jakinik ere, iruditzen zait geure buruarekin zintzoak izan behar dugula, eta saiatu behar dugula pentsatzen duguna esaten.
K. Miner: Kritika eta komentarioak leku denetan daude. Txapelketa nagusia, polemika da bere horretan, baina espazio publikora salto egiten duenean, itsusi bihurtzen da. Nola sortuko dugu diskurtso kritiko bat, edozer esanda beldurrez bagaude pertsonalki hartuko den edo ez? Batzuetan pasa gaitezke eta min egin, egia da, pertsonak gaude denaren atzean, baina neurri honetako kultur ekitaldi bati buruz izango ahal da eztabaidatzerik?
K. Matxain: Egia da kritika positiboak ikaragarri zabaltzen direla, eta hain positiboak ez direnek isiltasuna ekartzen dutela. Ematen du normalena litzatekela denok elkarri losintxaka aritzea, eta norbaitek zerbait seinalatzen badu, kasu, edo bere burua debalde nabarmendu nahian dabil, edo seinalatu duenarekin afera pertsonalen bat dauka. Sintoma horiek hor diraute. Egia da kritikoari eska dakiokeen gutxienekoa dela errespetuz aritzea. Baina hori hala den unetik, kiroltasun pixka batez hartu behar lirateke. Dena dela, niri inguratu zaizkidanak modu onean etorri zaizkit, eta alde horretatik gustura nago. | news |
argia-621a95cff6c9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/gizarte-zibilaren-borroka-zaborretik-dator-libanon.html | Gizarte zibilaren borroka zaborretik dator Libanon | Hegoi Belategi | 2017-12-17 | Gizarte zibilaren borroka zaborretik dator Libanon
Libano Ekialde Hurbileko paradigma txikia da. Eskualdeko herrialde txikiena eta pluralena izanda, inguruko gatazka eta krisialdi guztiek eragiten diote. Gauzak horrela, libanoarrak desegonkortasunean bizitzera ohitu dira. Gatazka ugari bizi izan dituzte azken hamarkadetan, atzerriko armaden esku hartzeak, liskar etniko eta erlijiosoak... 2015ean gobernua erorarazteko zorian izan ziren milaka lagun, kaleak hartuta. Arrazoia gutxik aurreikusi zuen: hondakinen kudeaketa eredua.
2015 arte Libanoko hondakin gehienak Naamehko zabortegira bidaltzen zituzten, hau da, hiru milioi eta erdi biztanle dituen herrialde bateko ia zabor guztia leku bakar batean biltzen zen. Espazioa eta denbora mugagabeak izango balira bezala, agintariek ez zuten konponbiderik bilatu zabortegia bete arte. Politikariak ez ziren gai izan zabortegi berriaren kokalekua adosteko eta bilketa zein birziklatze azpiegituren eskasia zela eta, hondakinak azkar pilatu ziren Beiruten eta haren inguruko Libano mendilerroaren inguruetan. 150.000 manifestari inguruk hartu zuten parte urte hartako abuztuko mobilizazioetan, azken hamarkadako protestarik handienak.
Hondakinen kudeaketa sistema politiko ustel oso baten kontra egiteko aitzakia izan da Libanon
Ezusteko handia hartu zuten askok, izan ere, afera ekologiko batek eragin zuen jendearen haserrea, eta ez liskar etniko edo erlijiosoek. Hala ere, hondakinen kudeaketa sistema politiko ustel oso baten kontra egiteko aitzakia baino ez zen izan. Eta Beiruteko mapa politikoa aldatzeko balio izan zuen. Politika sektarioaz nazkatuta zeudenek Beirut Madinati (Beirut nire hiria) sortu zuten: agenda politiko ekologistaren bitartez, herrialde osoko politika aldatu nahi du alderdiak. Hiriburuan agintea du egun.
Betiko alderdien erantzuna axolagabekeria hutsa izan zen; arazoa kostaldean bi zabortegi zabalduz konpontzea espero zuten. Lehena Burj Hammuden zabaldu zuten, Beirut iparraldean dagoen auzo armeniarrean. Bestea hegoaldean, aireportuaren ondoan, eta txiste txarra badirudi ere, Costa Brava izeneko hondartza batean. Hainbat hilabeteko biziraupena ezarri zitzaien bi hondakindegiei, baina bi urteren ostean zabalik diraute. Zaharrak berri Libanon.
Duela bi urteko mobilizazioak hainbat hamarkadatako arduragabekerien ondorio izan ziren eta bi eredu kontrajarri zituen: gaikako bilketaren vs erraustegiaren aldekoak, Euskal Herrian aski ezaguna den eztabaida.
Zaborraren kostaldea
Burj Hammudeko zabortegia, Beirut iparraldean. (Arg.: Constanze Flamme / Zenith)
Burj Hammud eta Costa Brava ezohiko neurriak izan ziren, Cedar Environmental taldeko buru eta Zero Zabor Libano plataformaren eragile Ziad Abi Chakerrek dioenez. Libanoarrek argi dute zabortegien politikak ez duela etorkizunik eta eredu berrien bila dabiltza.
Proposamen ugari egin dira, baina politika egiteko eredua aldatu arte norabide berean jarraituko dutela uste du Abi Chakerrek: "Alderdi gehienek erraustegiaren proiektua babesten dute, espekulatzen jarraitzeko modua delako. Hondakinen kudeaketa monopolioa den bitartean, etekin ekonomikoak lehenesten jarraituko dute".
Bi zabortegiak betetzen jarraituko dute gainezka egin arte. Burj Hammud Beiruteko auzorik populatuenetarikoa da, eta baldintza higienikoak nabarmen okertu ahala geroz eta ohikoagoak dira bizilagunek eragindako suteak. Costa Bravako zabortegiak, berriz, kolokan jarri du aireportuaren bideragarritasuna, zaborrak ehunka kalatxori biltzen baitu. Hegazkinen motorrekin talka egiteko arriskua dela eta, behin baino gehiagotan neurriak hartu behar izan dituzte. Alarma akustikoek eraginkor izateari utzi diotenez, Costa Bravako hondakinak lurperatzen hasi dira, kostaldea are eta gehiago desitxuratuz.
Kudeaketa krisi baten ikur
Bi zabortegiak krisiaren ikurrak baino ez dira, Libano bera zabortegi erraldoi bihurtu baita. 10.000 kilometro koadro ditu –Euskal Herriaren erdia–, hiru milioi eta erdi biztanle eta geografia askotarikoa. Kostalde mediterraneoa, zedrozko basoak, 3.000 metroko altuerako mendiak eta basamortua. Tripolitik Tirora (163 kilometro) doan errepidean, itsasoa bezain urdinak diren milaka plastiko botila pilatzen dira bide bazterretan. Hirietan ez ezik, barnealdeko edozein herrixkatan ikus daitezke hondakinak botatzeko erabiltzen diren lursailak.
Herritarren jarrera asko hobeto behar da Ziad Abi Chakerren ustez. Hezkuntza faltaren ondorioz, "kexu diren gehienek ez dute birziklatzen", haren ustez. "Sentsibilizazio lan handia egin behar da oraindik; bestalde, birziklatu nahi dutenek baliabide gutxi dute". Birziklatzea borondate kontua da Libanon. Norberak bildu, sailkatu eta birziklatze gunera eraman behar du. Koloretako edukiontziak gutxi dira, eta nekez aurkitu daitezke auzo umiletan.
Gainpopulazioak ere ez du mesederik egiten eta bereziki larria da milioika errefuxiatuen egoera. 2011z geroztik Libanok milioi eta erdi siriar errefuxiatu hartu ditu, Nazio Batuetako Iheslarientzako Goi Mandatariak (ACNUR) emandako datuen arabera. Hala ere, 2014. urtetik ez da zenbaketarik egin, herrialdeko oreka politikoa ez harrotzeko asmoz.
Manifestazioa Beiruten, zabortegien kudeaketa txarragatik protestan. (Arg.: Nabil Mounzer / EPA)
Ezin dira ahaztu, bestalde, 1948tik Libanon dauden errefuxiatu palestinarrak. Bi kasuetan, hondakinen kudeaketa ezak arazo higieniko latzak eragin eta gaixotasunak areagotu ditu. Shatila errefuxiatu gunean, adibidez, 40.000 lagun inguru bizi dira kilometro koadro erdian –datuak tentuz hartu behar dira, asko aldatzen baitira–, Ekialde Hurbilean palestinar errefuxiatuez arduratzen den UNWRA erakundearen arabera.
Deszentralizazioa konponbide
Arazoari tokian tokiko erantzuna ematea proposatzen du Abi Chakerren Cedar Environmental elkarteak: "Eskualde bakoitzak bere hondakinak kudeatuko balitu sistema askoz ere eraginkorragoa izango litzateke, eta ustelkeria murriztuko litzateke".
Herrialde osoko hondakinak monopolio baten menpekoak izatea sistema astuna eta motela da. Libanoko politikariek ez dute interes orokorra aintzat hartzen, bakoitzaren komunitatearenak baino. Sistema politiko sektario hori aldatu ezean, hondakinen afera okertuko dela uste dute eragile ekologistek.
Hala ere, deszentralizazioaz haratago doa Ziad Abi Chaker, gaikako bilketaren aldeko apustu sendoa egin baitu azken urteotan. Mr Zero Waste goitizenez ezagutzen dute ekintzailea, hondakinek eskain ditzaketen aukeretan sinisten duelako: "Nire arrakasta zaborretik dator".
Oso kritikoa da Abi Chaker estatu eta erakunde publikoekiko. Estatuaren papera populazioaren ongizatea babestea eta giza eskubideak bermatzea da, baina Libanon politikariek aukera horri muzin egiten diotela uste du. Aldaketa behetik etorri behar dela dio, "alderdiek jendearen eskariei jaramonik egiten ez dienean, gizarte zibilak inprobisatu behar du".
Ekimen pribatuak arindu du gaitza
Eremu pribatutik etorri dira oraingoz irtenbide saiakerak: herrialde osoan gaikako bilketa sustatzen duten kooperatiba eta enpresak agertu dira
Bitxia badirudi ere, gizartearen ongizatea helburu duen sistema ekimen pribatuaren ondorio da. Cedar Environmentalek udalekin batera egiten du lan. Sistemaren eraginkortasuna agerikoa da bere esanetan; Beit ed-Dine hirian adibidez, Chouf eskualdean, kalean pilatzen diren hondakinak nabarmen murriztu dira, zabor tasek behera egin dute eta gainera lanpostu ugari sortu dira.
Cedar Environmental ez da aldaketaren alde egin duen bakarra; Libano osoan gaikako bilketa sustatzen duten kooperatiba eta enpresak agertu dira, tartean oinarri sozial nabarmena duen Recycle Beirut. Siriako eta beste herrialde batzuetako errefuxiatuekin egiten du lan.
Libanoko hondakinen krisialdiak txanponaren bi aldeak erakutsi ditu. Batetik, kudeaketa arduragabearen ondorio ekologiko eta sozialak agerikoak dira, eta ez dirudi agintariek gauza asko aldatzekotan direnik. Bestetik, gizarte zibilaren boterea ezagutu dute libanoarrek; estatuaren babesa jaso ezean, euren gain hartzeko prest daudela erakutsi dute askok. Erraustegiaren proiektua aurrera doa Libanon, baita gizartearen parte handi baten oposizioa ere. Duela bi urte hiritarrek gobernua bertan behera utz zezaketela erakutsi zuten. Ikusteko dago zein erantzun emango dioten erraustegiari, eta hortik zer ikas daitekeen. | news |
argia-3f84df9f9156 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/lurzaindia.html | Lurrak ondasun kolektibo | Garazi Zabaleta | 2017-12-17 | Lurrak ondasun kolektibo
Nekazaritzarako eta abeltzaintzarako erabiliak izan diren lursail ugari ari dira azken urteetan galtzen Euskal Herri osoan: laborantzaz batere interesik ez duten lur erosleek bestelako ideiak dituzte espazio horietarako. Horren aurka dihardu lanean Ipar Euskal Herrian Lurzaindia kolektiboak. "Lurzaindiak egiten duena, bere izenak ederki esaten duen bezala, lurra zaintzea da. Espekulazioaren kontra borrokatzen gara, partikularki", azaldu digu Dominique Amestoy kolektiboko kideak.
Lurrak kolektibizatu, hura lantzen dutenek erabiltzeko
2013an sortu zuten Lurzaindia lehen sektorearen borrokari lotuak diren lau egiturek: ELB laborantza sindikatuak, Arrapitz federazioak, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak eta Amap laborantza iraunkorrerako elkarteak. Lurzaindia bera sortu baino lehenago, bazegoen Lurra izeneko elkartea, gazteak plantatu ahal izateko etxaldeak erosteko lanean ziharduena.
Baina nola kolektibizatzen dituzte lurrak? Urte osoan diru bilketak egiten dituzte, salgai dauden lurrak eta laborari etxaldeak erosi eta horiek Lurzaindiaren proiektura batu ahal izateko. "Guk erosten ditugun lurrak ez dira inoiz berriz salduko, merkatutik kenduko dira behin betiko", dio Amestoyk. Epe luzerako alokairuen bitartez laborari gazteei beren proiektuak aurrera ateratzeko aukera ematen die Lurzaindiak lur horietan, merkatu espekulatiboari aurka eginez. Diru bilketetako irabaziak kudeatzeko Erne egitura dute martxan: "Erneko kideek dute diruaren kudeaketaren zama, baita zer erosi behar den eta zer ez erabakitzearena".
Egindako lanaren fruituak
Lurzaindia sortu zenetik, lurren beste erabilpen batzuetarako 35 bat saltze gibelaraztea lortu dutela azaldu digu kideak. Frantziako Safer egiturarekin aritzen dira lanean lurren prezioak egokiak direla ziurtatzeko eta beharrezkoa denean horiek erosteko. Orotara, 400 lur hektarea ingururen eta 20 etxalderen jabe da egun kolektiboa, eta horietan lanean dihardute 29 laborarik. Lurraren eta Lurzaindiaren diru bilketetan, berriz, 3.500 bat akziodunek hartu dute parte urteotan. Ez dira zenbaki makalak.
"Momentuz Iparraldean soilik ari gara, baina gure araudietan jarria dugu Hegoaldera ere hedatzea posible dela, hango laborarien sostenguarekin noski. Euskal Herria orokortasun batean hartzea, alegia", dio Amestoyk. | news |
argia-c0901554726f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/45000-kataluniarrek-laguntza-eskatu-diote-ebri-bruselatik-bertatik.html | 45.000 kataluniarrek laguntza eskatu diote EBri Bruselatik bertatik | ARGIA | 2017-12-07 | 45.000 kataluniarrek laguntza eskatu diote EBri Bruselatik bertatik
Urriaren 27an independentzia aldarrikatu zuen Kataluniako Parlamentuak. Egun berean, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zieten, autonomia Madrildik gidatzeko asmoz. Abenduaren 21ean hauteskunde autonomikoak egingo dira. | news |
argia-70911dfa1063 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/parisek-meza-bat-balio-du.html | Parisek meza bat balio du (*) | Mikel Asurmendi | 2017-12-17 | Parisek meza bat balio du (*)
Politikak eta erlijioak badute ezaugarri anitz komunean. Konbikzioak behar dituzte, zintzotasuna ere bai. Alabaina, politikaren erraietan jukutria dago, makiabelismoa; estatuaren arrazoia izate oroz gainetik dago.
Parisko 2107ko abenduaren 9ko manifestazioaren historia 1958an hasi zen, ETAren sorrerarekin hasi ere. Egungo gatazka politikoa ulertzeko ETAren bilakaeraren hainbat ezaugarri gogoratu behar dira: ETA herriaren erraietatik jaio zen eta sustraiak errotzeko "santutegia" izan zuen Iparraldean. Tokiko Enbata eta IK mugimenduen abaroan, besteak beste.
Egungo bake prozesua eta berau gauzatu ahal izateko funtsezkoa den euskal presoen askatasunaren aldeko ekimena ulertzeko, hainbat mugarri gogoratu behar dira: adibidez, 1970eko Burgosko prozesua eta 1977ko Askatasunaren Ibilbidea. Biak ala biak garaipenak izan ziren, bai herri honen burujabetasunaren alde, baita helburu horretan borrokatu zutenen alde ere.
Harrez gero, behin ere ez da bi helburu horien xedetan aurrerapauso eraginkorrik eman. ETAk jarduera armatua behin betiko iragarri ostean, ordea, hainbat urrats eman dira. Aieteko Adierazpenak, Luhuso eta Baionako ekitaldiek –ETAren desarmatzea– normalizazio prozesuaren bidea zabaldu dute irtenbide negoziatu gabeko gatazka honetan. Ez da kasualitatea izan, kausalitatea baizik. Lehen urratsa Aieten eman zen, Gipuzkoan. Aldi batez ezker abertzaleak boterea kudeatu zuen lurraldean. Ez da kasualitatea ere bake prozesu moduko hau Ipar Euskal Herrian bideratu izana: gatazkaren eragina bestelakoa izan delako eta "demokraziaren kultura" beste gisa batez errotu delako bertan, bai gizartean bai berau menpe duen Estatuan ere.
Euskal Herriaren erraietan sustraituta dauden bi estatuen politika jokoan, irudi luke, Frantziak iniziatiba hartu nahi duela behin-behinean. Alta, Espainiak dauka gatazka ebazteko gakoa. Gatazkan aritutako borrokalarien aldeko beharrek (euren askapena) aspaldian hartu zioten aurre herri honen burujabetasunaren aldeko beharrei. Gatazkako indar korrelazioen adierazle begi-bistakoa.
Euskal presoen aldeko manifestazioa izan zen ordu bertsuan Johnny Hallyday musikariaren hileta elizkizuna izan zen Madeleineko Elizan. 13:00etan, Frantziako hedabideetan hura izan zen berri nagusia eta bakarra. Garai bateko Eliza nola, halatsu egungo komunikabideak, estatuaren zutabeak biak ala biak.
(*) "Parisek meza bat balio du" erranairua, Frantziako Henri IV. eta Nafarroako Henrike III. erregearena omen da. Esaldia topikoa eta apokrifoa ere ei da. | news |
argia-cbe744110af3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/albano-dante-fachin.html | "78ko Erregimena hausteko modu bakarra alderdi independentistak bozkatzea da" | Saioa Baleztena | 2017-12-17 | "78ko Erregimena hausteko modu bakarra alderdi independentistak bozkatzea da"
Kataluniako giro politikoaren protagonistetako bat da Albano Dante Fachin (Bahía Blanca, Argentina, 1976), Catalunya Sí Que Es Pot-eko diputatu ohia. Sorterria 16 urte zituenean utzi zuen familiarekin batera, Bartzelonara joateko. Osasun sistemaren ustelkeriaren kontrako aktibista ezaguna da eta 2004an, Marta Sibinarekin batera, Cafè amb llet aldizkaria sortu zuen. Procés Constituent-eko kide izan ondoren, 2015ean izendatu zuten Podem Catalunyako idazkari nagusi. Kargua azaroan utzi du.
Hilabete eroak dira Katalunian. Zer moduz zaude?
Oso pozik. Ez dago ezer deserosoagorik inkoherentzia baino. Eta azken bi hilabeteak zurrunbilotsuak izan dira, hain zuzen ere, barne-bilaketa baten baitan koherentea izan ala ez erabakitzen ari nintzelako. Baina, hartutako erabakiarekin harro naiz, koherente jokatu dut. Atseden hartu dut.
Azaroaren hasieran aurkeztu zenuen dimisioa. Zergatik?
Askotariko arrazoiengatik. Hasteko, arazoa modu organikoan hasi zen, Podem Catalunya-n ulertzen genuelako testuingurua ez zetorrela bat Catalunya en Comú-ren zerrendetan aurkeztearekin. Batez ere, tresna politikoa egituratzen ari zen modua ez genuelako konpartitzen. Horren ondotik etorri zen desadostasun politikoa. Zehazki, Kataluniako Gobernuak deituta zuen erreferendumaren atarian, Podem-eko oinarriei gure jarrera zein izan behar zuen galdegin ondoren. Oraindik gogoan dut oinarrien erabakia iragartzeko prentsaurrekoa eman eta minutu gutxira Pablo Echeniquek eta Pablo Iglesiasek esan zutena: haiek katalanak balira, ez zuketela galdeketan parte hartuko. Azkenik, noski, 155. artikuluaren aplikazioaren ondotik, guk alderdi politiko guztiekin elkarrizketak egiten hastea komeni zela adierazi ondoren, Podemosek Katalunian esku hartu zuen. Orduan argi ikusi nuen hori ez zetorrela bat nirekin.
Kataluniako testuinguruak piztu zuen krisia Iglesias eta zure artean?
Noski. Katalunian independentistak direnen eta ez direnen arteko banaketa eginez, bere egin zuen 78ko Erregimena. Eta, urriaren 1ean eta 3an argi gelditu zen kaleak dardarka jarri zituzten milaka lagunen artean independentistak eta independentista ez direnak zeudela. Ausartzen naiz esatera, urriaren 1ak status quo-an eragin handiagoa izan zuela, independentzia aldarrikapenak baino.
Bada uste duenik, hala ere, egun horietako elkartasuna hautsi zela independentzia aldarrikapenaren ondorioz. Ados al zaude?
Jakina da petsonalki asko kritikatu dudala DUIa. Baina, egia esan, independentzia aldarrikapenak ezertarako balio izan ez duela baieztatzea desegokia iruditzen zait. Zalantzarik gabe, independentzia aldarrikapenak astindu ditu guk aspaldi astindu behar genituen Estatu egiturak. Horregatik, hanka-sartze ikaragarria iruditzen zait Catalunya En Comú-k 155. artikulua eta DUIa parekatzea. Are gehiago, jendea atxilotuta dagoen bitartean. Urriaren 1ean argi gelditu zen Kataluniako etorkizuna elkartasunaren bidetik doala. Eta desobeditu behar bada, egin egingo dugu.
Argazkia: Jordi Borràs
Som Alternativa plataforma sortu duzu, kargua utzi zuten gainontzeko kideekin batera. Zein duzue jomuga?
Nire kargua uztea erabaki nuen ez nuelako izan nahi Madrilgo aginduak beteko zituen txotxongiloa. Eta egin nuenean, konturatu nintzen ni bezala, deskonforme zegoen jende gehiago ere bazegoela. Gure ekarpena biltzeko asmoz sortu dugu Som Alternativa.
Abenduaren 21eko bozak salbuezpenekoak direla erran izan duzu. Zer gertatuko da?
Hauteskunde hauek anormalak dira, eta hori onartzen ez duenak Alderdi Popularraren helburua asetzen du. Horregatik, uste dut, independentista ez den jende askok independentziaren aldeko alderdiak bozkatuko dituela.
Zuk ere egingo duzu? Behin baino gehiagotan erran izan duzu ez zarela independentista.
Tira, niri ez didate sekula trabarik egin independentistek. Sekula ez dut independentismoa ekiditeko nahimenik izan, besterik gabe, berdin zait. Hori bai, gaur egun argi dut 78ko Erregimena hausteko modu bakarra Katalunian alderdi independentistak bozkatzea izango dela. Independentismoa hausturarako lanabes bilakatu da eta sekula ez dugu halako aliaturik izango.
Alderdi independentisten bide-orriak porrotak izan ditu, hala ere, ezta?
Hor dago gakoa. Jakina da, hemen alboan dugun hemizikloan, behin baino gehiagotan kritikatu dudala Junts pel Sí-ren bide-orria. Independentismoak gogoeta egin behar du, egiten ari den bezala. Baina, kasu! Autokritika denon betebeharra da, baita Catalunya en Comú-rena ere. Agerian geratu da, euren proposamena noizbait adostutako erreferenduma egitea bada, ez dagoela inolako bermerik.
Zuk ere adostutako erreferendumaren aldeko apustua egina zenuen, duela gutti arte. Zerk aldatu du zure ikuspuntua?
Testuingurua erabat desberdina zen. Urriaren 1ean gertatutakoak aldatu du dena. Ezin dugu ahaztu, Parlamentura iritsi nintzenean Espainiako Gorteetako hauteskundeen aurreko kapituluan ginela, eta ate bat zabalik zegoen han adostutako erreferenduma ahalbidetzeko. Erronka zaila bazen ere, zerumugan zegoen, behintzat. Orain testuingurua beste bat da, bi urte hauek balio izan baitute begien bistan jartzeko Rajoyren gobernuaren egitura blokeatzailea. Besteak beste, horregatik da garrantzitsua, inoiz baino gehiago, guk proposatzen dugun elkartasuna. Junts pel Sí-ren bide-orrian argi gelditu da independentistek ezin dutela bakarrik, eta guk ere ez. Kataluniak ez du elkartasuna ez den beste irtenbiderik.
Som Alternativa bitartez, alderdi independentisteen frontea sortzeko apustua egin zenuten. Porrota da hauteskunde hauetan alderdiak zerrenda desberdinetan aurkeztea?
Porrota baino, lastima dela esango nuke. Baina Mariano Rajoyk bere esku zegoen guztia egin du, elkartasun fronterik ez egoteko eta ez dugu denborarik izan. Aitzakia irudi lezake, baina errealitatea da. Kontuan hartu behar da hauteskundetara deitzea Generalitateko presidentearen eskumena dela, eta Rajoyk bozen deialdia egin du denbora bere alde izateko. 155. artikuluaren zaplastekoaren beste ondorio bat da, funtsean.
Egia al da CUPen zerrendan aurkezteko aukera izanik baztertu duzula lehen postuetan ez egoteagatik?
Ez, aukera hori ez da sekula mahai gainean egon. Hautekusndeen deialdia egin zenean, egia da, Procés Constituent, CUP eta ERC-rekin solastu ginela. Gure erronka elkarrekin aurkeztea zen. Baina, berriz diot, Rajoyk zerbait ongi egin badu hori izan da hauteskundeak azkar deitzea. Ez dugu denbora nahikorik izan koalizioak osatzeko aukeraz behar bezala hitz egiteko.
Beraz, ERC edo CUPen zerrendetan parte hartzea ez duzu sekula aurreikusi?
CUPen zerrendetan aurkeztea ezinezkoa zen. Legealdi muga dute, eta horrek gauzak asko errazten ditu: euren diputatuek errepikatzen ez badute nola errepikatuko du eurena ez den ordezkari batek? Tira, denbora honetan guztian behin baino gehiagotan galdetu didate ea zerrendetan aurkeztuko ote nintzen, eta hemeroteka hortxe dago, beti esan dut ezetz. Politika akordio zabalaren apustua egina nuen bakarrik.
Baieztatu izan duzu Catalunya En Comú-ren kanpaina ez duzula babestuko. CUP edo ERC-tik gertuago sentitzen al zara?
Egia esan, bai. Tira, Catalunya En Comú-ren eta CUPen gertutasun ideologikoa aspalditik dator, eta, ni ere gertu sentitu izan naiz beti. Eta, kasu! Kanpainan joera hori ere ikusten ari gara. CUP eta ERC dira, zalantzarik gabe, 155. artikuluaren blokeari min handiena egingo diotenak. Eta, noski, ez dut Junts per Catalunya zerrenda aipatu, espazio politiko hori urrutikoa zaidalako.
Argazkia: Jordi Borràs
Espainiaren eraldaketan sinisten jarraitzen duzu?
Hori izan da orain arteko nire apustua, baina, egia esan, Katalunian gertatu denarekin zalantzan jartzen dut orain baita aldaketaren aldeko udalen estrategia ere. Montoro legeak ezartzen duen sabaia zapuzteko, zer egingo dugu? Ada Colau, Manuela Carmena, Xulio Ferreiro eta konpainiaren arteko bilera bat antolatu? Tira, egin dezakegu, eta seguruenik kartzelaratuko dituzte guztiak. Baina, arriskatzeko prest al gaude? Egiteak merezi al du? Hala ez bada, zer egingo dugu orduan?
Onartuko al du Espainiako Gobernuak abenduaren 21eko bozen emaitza?
Ez, eta horregatik ezinbestekoa da alderdi independentistek irabaztea. Ez independentziatik gertuago egoteko, baizik eta Mariano Rajoy agerian uzteko. Izan ere, alderdi independentistek irabazten badute, zer esango du Rajoyk Europan Kataluniak bere erronka berretsi eta hauteskundeak galduta dituenean? Susmoa dut, pairatu dugun errepresioaren ondotik jende askok kolpe bat emango duela mahai gainean, alderdi independentistak bozkatuz. Eta hori gertatzen bada, aukera egongo da 155. artikuluaren aldeko blokeak hainbestetan erabili duen argudioa baliogabetu eta independentismoa herritarren erdia baino gehiago izateko. Ezin dugu ahaztu independentismoa %15etik %48ra iritsi den bezala, %55era ere iritsi daitekeela.
Tira, zer egingo duzu abenduaren 22tik aurrera?
Som Alternativa egitasmoan lan egiteaz aparte, ate birakarien kontua gehiegi landu ez dudanez horretan murgilduko naiz –barrez–. | news |
argia-0b269c786a3f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/balmasedako-juduentzat-gaitz-erdi.html | Balmasedako juduentzat gaitz erdi | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-12-17 | Balmasedako juduentzat gaitz erdi
Balmaseda, 1483. Herriko kontzejuak, ordenantza baten bidez, bertan auzotzea eta balmasedarrekin ezkontzea debekatu zien juduei. Juduak mende bat lehenago iritsi ziren herrira eta Kale Zaharreko hamahiru etxetan bizi ziren. Balmasedak 1.000 biztanle inguru zituen orduan eta juduak 50 bat ziren. Ez dirudi kopuru handia, baina XV. mendearen erdialdean Balmasedakoa euskal lurraldeko bigarren judutegi garrantzitsuena zen, Gasteizkoaren ondoren.
Handik hiru urtera, 1486ko urtarrilean, juduek debekuei muzin egin izana aitzakia, kontzejuak haiek herritik botatzea erabaki zuen eta, hainbat gizon armatuk, Pedro Sanchez Terreros alkatea buru, indarrez betearazi zuten erabakia. Juduek ihes egin zuten eta gehienek Villasana de Mena (Burgos) herrian hartu zuten babesa. Urte berean Gernikako Batzarrean gaia eztabaidatu zuten, eta Haron juduen ordezkariak juduak Balmasedatik "betirako urruntzea" onartu zuen, ziurrenik une horretan beste aukerarik ez zuelako.
Baina juduek Errege-erregina Katolikoengana ere jo zuten konponbide eske, eta haien erantzuna 1488an jaso zuten. Gutun bat bidali zioten herriko kontzejuari, juduak atzera bertan onar zitzan eskatuz. Errege-auzitegiak, gainera, bitartekari bat izendatu zuen eskaera betetzeko: Lope García de Chinchilla lizentziatua.
Balmasedarrek ez zieten itzultzeko baimenik eman, baina, gutxienez, negoziatzeko prest agertu ziren. Eta, azkenean, itxuraz Chinchillaren ahaleginei esker, juduek Balmasedan zituzten ondasunak tasatzea eta ezarritako balio horiek ordura arteko jabeei dirutan ordaintzea adostu zuten. Horrenbestez, juduak Balmasedatik egotzi zituzten, baina behintzat ez zituzten esku hutsik bota, Errege-erregina Katolikoen bitartekaritzari esker.
Kontua da handik lau urtera agintari berberek, Elisabet I.a Gaztelakoak eta Fernando II.a Aragoikoak, erresumako judu guztiak egoztea erabaki zutela. 1492ko martxoaren 31n Granadako ediktua sinatu zuten eta maiatzaren lehenean jarri zen indarrean. Eta ez zen negoziaziorik izan: juduek inolako ondasunik eta eskubiderik gabe alde egin behar izan zuten. | news |
argia-c507162ddf4e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/gorka-pastor-musika-konpositorea.html | "Badirudi hizkuntza menderatzen dugula, baina ezin dugu hitz egin gure instrumentuarekin" | Reyes Ilintxeta | 2017-12-17 | "Badirudi hizkuntza menderatzen dugula, baina ezin dugu hitz egin gure instrumentuarekin"
Film luze eta labur, dokumental, antzerki lan, dantza ikuskizun edo bideo jokoetarako soinu banden egilea da. Inprobisatzen eta musikarekin jolasten jartzen dio soinu banda bizitzari.
Nola sortu zen pianorako intuiziozko metodoa sortzeko ideia?
Martxoan Ilus Books argitaletxekoak harremanetan jarri ziren nirekin eta metodo hau egiteko proposamena luzatu zidaten. Estatuan hamabi musikariri egin ziguten proposamen bera eta azkenean nire proiektua aukeratu zuten. Polita iruditu zitzaidan, halako ariketak betidanik landu izan ditudalako nire ikasleekin. Ideia da lehen unetik edozeinek jo ahal izatea liburuan biltzen diren 49 kanta modernoen akordeak. Lau oinarrizko akordeak ikasita eta erritmo desberdinekin ia edozein abesti jo dezakegu. Gainera, liburua oso ongi ilustratuta dago eta erraz ulertzen da dena. Hemen melodia ez da agertzen. Hau pentsatuta dago akonpainamendu gisa, abesteko edo kantaren grabazioarekin batera jotzeko, ez bat-batean piano jotzaile ikaragarri bihurtzeko. Hau ez da magia. Bide errazagoa erakutsi nahi diot jendeari oinarri bat hartzeko, besterik ez.
Musika ikasten ari garenean ematen du lehenengo musika irakurtzen eta idazten ikasi behar dugula eta instrumentua azken esperientzia dela, baina horrek ez du zertan horrela izan. Beste toki askotan, Afrikan esate baterako, oso bestelakoa da musikarekiko harremana. Hemen ematen du asko jakin behar duzula jolasten hasteko, baina prozesua gehiegi luzatzen baduzu zerbait ez oso naturala bihurtzen da azkenean. Gure hezkuntza sistemaren akatsa da. XIX. mendeko birtuosismoan oinarritzen da eta ematen du mundu guztiak kontzertista izan behar duela, baina jende guztiak ez du kontzertista izan nahi. Nik neuk, adibidez, konpositorea izan nahi izan dut betidanik, aita bezala.
Zergatik?
Gauzak imajinatzea delako gehien gustatzen zaidana: margoak, ipuinak eta baita musika ere. 10 urterekin hasi nintzen musika piezak konposatzen, jolas moduan. Hasieran jotzen nituen eta gero idazten ere hasi nintzen. Margotzea ere maite dut. Zalantzan izan nintzen, ez bainekien piano ikasketak bukatu edo Arte Ederrak egin.
"'Hijos de la Tierra'k Goya saria irabazi ondoren hemengo jende asko hasi da nire lana kontuan hartzen. Badirudi batzuetan halako sari bat behar dela jendeak ikus dezan hemen egiten den lana ere ona dela"
Zergatik ematen diozu hainbesteko garrantzia inprobisazioari?
Niretzat inprobisatzea hitz egitea bezala da. Musikan bat-batean jotzen badut norbaitekin, hizketan ari gara eta gozatzen, baina kontserbatorioetan gauzak buruz ikasaraztea da lan egiteko modua. Sistema horrekin ikasten ari den bati galdera bat egiten badiozu ez daki erantzuten. Hori, nire ustez, kristoren akatsa da. Badirudi hizkuntza menderatzen dugula, baina ezin dugu hitz egin gure instrumentuarekin. Aldatu beharra dago. Beste toki askotan jolasten dira musikarekin, inprobisatzen dute etengabe. Komunikazio hori sortzea da indartu behar duguna. Beldurra apurtu eta musikaren mundura gonbidatu jendea. Baina askotan irakasleek ez dute nahi, beldurra ematen dielako. Horregatik irakasten dute haiek ikasi zutena. Horretaz ohartu nintzenean, eskolak ematen hasi eta oso gutxira, hasi nintzen nire irakasteko modua aldatzen. Asko ikasi dut eskolak ematen. Nire jakinduria bazen gruyere gazta baten antzekoa eta eskolak ematerakoan nituen hutsuneak betetzen joan naiz. Oso zoriontsu izan naiz.
Hala ere 18 urteren ondoren eskolak emateari utzi diozu. Zergatik?
Nekatuta nengoen eta aldaketa behar nuen. Zaila izan da erabakia hartzea, baina pozik nago orain. Pena eman zidan eskolakoak nire lagunak direlako, ia-ia nire familia. Baina soilik noizbait eskolak eman dituenak daki zenbat energia xahutzen den. Eskolak ematea maite dut, baina nire bokazioa sortzea da.
Behar nuen denbora pianoa jotzeko, bidaiatzeko, irakurtzeko, margotzeko… Berriki Gaiarre antzokian egin den scape-room baterako eta antzerki lan baterako musikak egin ditut, eta aukera izan dut entseguetara joateko, adibidez. Hori egin behar da emaitza bikaina lortu nahi baduzu. Korrika eta presaka ibiltzea ez da ona. Bestalde, azken hiru film proiektuetan zuzeneko soinua ere grabatzeko eskatu didate eta bidaia asko egin behar dira horretarako.
Orain denbora gehiagorekin zer duzu askatasun handiagoa edo eromen handiagoa?
Bietatik, baina ni horrela oso gustura nago. Gauza bat bakarrik egingo banu desorekatuta egongo nintzateke eta zuzeneko emanaldien energia ere ez dut galdu nahi.
Zer proiektu dituzu orain esku artean?
Amerikako Estatu Batuetatik iritsi berria naiz. Han La llave maestra talde nafar-txiletarrarekin work-shop batean parte hartu dut. Oso interesgarria izan da. Itzulitakoan bi asteko ikastaro interesgarria egin dut Donostian bideo-joko, antzerki eta zinemarako soinu bandak egiteko Paula Olazekin.
Orain lau pelikulatan nabil: Patxi Urizekin Los últimos de la mejana, Ultreia Films etxearen proiektuan; Nafarroako Erriberako baratzeak berreskuratzea bultzatzea eta elikatzeko ohitura osasungarriagoetara itzultzeko beharraz sentsibilizatzea asmoa duen filma. Bestalde Hijos de la Tierra-ko produkzioa egin zuen Sandra Iraizozek idatzitako liburu bat, En un minuto tu vida cambia, zinemara eraman nahi dute Kolonbiaren eta Brasilen arteko koprodukzio batean eta hor ari naiz. Hirugarrena da Pili Múgicaren Penitencia film laburra, kartzela eta bergizarteratzeari buruzko lana. Eta laugarrena Oskar Tejedorren fikziozko film laburra. Oso gustura ari naiz horretan, nire lan gehienak dokumentalak izan direlako, eta hau aldiz fikzioa da.
"Pelikula normal batean 40-45 minutuko musika sar dezakegu, baina bideo-jokoan agian
30 edo 40 ordu"
Ingalaterra aldera ere jo nahi duzu.
Horiez gain, nire proiektu pertsonalena ari naiz prestatzen Euskal Herriko abeslari batekin. Pop britainiarra ukitu elektronikoarekin ari gara lantzen. Duela hiru urte hasi ginen eta laster hurrengo urrats bat eman nahi dugu Ingalaterran. Beste ideia asko dauzkat buruan. Film eta antzerki obretarako sortu ditudan konposizioak moldatu nahi ditut Iruñeko Zura Quartet harizko laukotearekin emateko. Nik haiekin pianoa eta sintetizadoreak joko ditut eta gustatuko litzaiguke, aldi berean, irudi muntaketa bat egitea, noiz eta zertarako egin dudan musika hori guztia azalduz. Kontzertu pedagogiko moduko bat egin nahi dut. Izugarri gustatzen zait jendaurrean jotzea.
Zer zen THC?
THC 1999an Iruñean sortu genuen funk-jazz musika taldea izan zen. Maketa bat eta bi disko grabatu genituen, duela bederatzi urte taldea desegin arte.
Eta Garufa Tango?
Garufa Tango taldea sortu genuen ahotsa eta pianoa uztartuz, Euskal Herrian eta Italian tango errepertorio klasikoa eskainiz. Proiektu horren bidez Buenos Airesen denboraldi bat egin nuen, musika estilo horretan sakontzeko.
Argazkia: Dani Blanco.
Film bateko soinu banda onena nabaritzen ez dena da?
Esaten dute pelikula oso gustura ikusi ondoren, musika ez baduzu gogoratzen, horrek esan nahi duela ongi kokatuta zegoela. Musikak ez du goitik egon behar, ezta desagertuta ere. Musika egileen asmoa da beste dimentsio bat ematea pelikulari. Izan ere, badira istorio batzuk musikarik gabe ongi ulertzen ez direnak. Musikak filma lagundu behar du. Hemen musika ez da protagonista, kontzertu batean bezala. Bideo-joko eta film batean lagundu behar dugu zuzendariaren helburua indartzen, horregatik gure egoa bigarren planoan utzi behar dugu.
Merkatuari dagokionez, nola dago lanbide hori?
Azkeneko lau urteetan bost pelikulatarako eta bost antzerki obratarako musika konposizioak egin ditut eta gero eta argiago ikusi dut hori dela nire bidea. Hijos de la Tierrak Goya saria irabazi ondoren hemengo jende asko hasi da nire lana kontuan hartzen. Badirudi batzuetan halako sari bat behar dela jendeak ikus dezan hemen egiten den lana ere ona dela.
Bestalde, bere garaian zinemarekin sortu zen izugarrizko aukera musika konpositoreentzat eta orain bideo-jokoekin gauza bera gertatzen ari da. Bideo-jokoek pelikulek baino aurrekontu handiagoa izaten dute. Esaten dute Espainian populazioaren erdia egunero jolasten dela halako jokoekin. Izugarrizko merkatua dago. Batzuetan orkestra sinfonikoekin grabatutako soinu bandak ere izaten dituzte. Pelikula normal batean 40-45 minutuko musika sar dezakegu, baina bideo-jokoan agian 30 edo 40 ordu. Nik bideo-joko baterako konposatu dut musika eta oso esperientzia polita izan da. Asko gustatzen zaizkit jokoak eta aukera handiak ematen dituzte.
"Kulturalki askotan kexatzen gara laguntza handirik ez dagoelako edo gauza gutxi egiten direlako, baina egia da, bestalde, gauza pila programatzen direla
eta gu geu ere
ez garela joaten"
Nola egiten da soinu banda bat?
Lehen pausoa da zuzendariarekin asko hitz egitea eta bere asmoak ulertzen saiatzea. Normalean pelikula bukatuta dagoenean egiten dugu musika, baina batzuetan eskatzen digute konposizio osoa edo erreferentzia batzuk, bederen, filma amaitu baino lehen, muntaketa fasean sartzeko. Batzuetan, ezer egin baino lehen, pentsatzen dut zine aretoan banintz niri zer musika gustatuko litzaidakeen entzutea. Artisau lanak denbora eskatzen du eta zure tresnak menderatzea, noski. Ideia harrapatzea da gehien kostatzen dena.
Guk askatasun erlatiboa dugu. Oso garbi eduki behar dugu nor den zuzendaria eta egoa beti etxean utzi. Asko gustatzen zait inprobisatzea margolariekin edo dantzariekin, adibidez. Diziplina artistikoak ez ditugu bereizita begiratu behar, azken finean, sentimenduen mundua berdina delako. Sentsibilitate horrek sustrai berdina du eta oso aberasgarria suertatzen da diziplinak nahastea.
Nola ikusten duzu musikaren panorama orokorra hemen?
Iruñerrian, Nafarroan oro har, artista handiak sortzen ari direla uste dut, baina batzuetan kanpora joan behar izaten dugu egiaztatzeko. Duela gutxi AEBetan izan gara La llave maestra antzerki taldearekin eta ikustekoa zen nola hartu gintuzten. Jendea asko harritu da mailagatik.
Nafarroan talde asko sortzen dira, baina gehienek antzeko estiloak jorratzen dituzte: rock, punk, punk-rock, rock progresiboa, pop-rock… %80 estilo horiek dira. Gustatuko litzaidake estilo desberdinak garatzea. Musika elektronikoa oso gutxi lantzen da hemen, esate baterako. Ska eta reggae egiten da Skalariak taldeak bide hori zabaldu zuenetik eta gaur egun talde onak ditugu, Vendetta edo En tol sarmiento. Alabaina, kanpora joaten zarenean eta ikusten duzunean zer gauza desberdinak egiten diren, pentsatzen duzu, eta zergatik ez gurean? Gustatuko litzaidake hemengo panorama unibertsalagoa izatea, baina hala eta guztiz ere maila oso handia dago. Jazzean, adibidez, oso musikari onak ditugu. Estatuan Alberto Arteta garestarra ikaragarria da. Patxi Urizekin irabazi genuen Goya saria, baina aurreko urtean beste nafar batek, Raul de la Fuentek, ere irabazi zuen. Uste dut panorama polita dagoela eta harro sentitzeko modukoa. Kulturalki askotan kexatzen gara laguntza handirik ez dagoelako edo gauza gutxi egiten direlako, baina egia da, bestalde, gauza pila programatzen direla eta gu geu ere ez garela joaten. Kultur eskaintza murritza dagoela errepikatzen dugu eta batzuetan ez da egia. Erriberriko antzerki jaialdia, adibidez, bikaina da. Ni neu ere kexatzen naiz maiz, baina gero Gaiarre edo Baluarteko programazioak ikusita, gauza pila eta oso onak daudela onartu beharra dago.
"Gure artean mespretxuz ikusten dugu askotan gure musika eta gero kanpoan, aldiz, esaten digute oso kultura aberatsa dugula"
Euskal musika etnikoa nola baloratzen da hemendik kanpo?
Oreka TX AEBetan, esate baterako, oso arrakastatsua da. Nirea ez da berez euskal musika baina beti sartzen dut ezaugarriren bat, txalaparta pixka bat, adibidez. Gure artean mespretxuz ikusten dugu askotan gure musika eta gero kanpoan, aldiz, esaten digute oso kultura aberatsa dugula. Niri nahasketak izugarri gustatzen zaizkit, Kepa Junkerak egiten dituenak, adibidez. Probak egitea beti ona da, eta gainera emaitza ona ateratzen denean, zoragarri. Dena ez dago asmatuta. Notak agian bai, baina konbinazioak infinituak dira. Sukaldean ere osagarri guztiak asmatuta daude, baina beti egin daitezke plater berriak.
Bizitzari soinu banda jartzen diozu aldi oro?
Gertatzen zait bai, gauzei musika jartzen diedala, edo liburu bat irakurtzen ari naizenean musika imajinatzen dudala… Halakoetan askotan aprobetxatzen dut mugikorrean grabatzeko eta zerbaitetarako gorde.
Aita pozik dago bere bidea jarraitu duzulako?
Aita oso pozik dago. Beti izan dugu harreman zoragarria, baina lehen bera maisua zen eta ni ikaslea eta orain maisutzat hartzen nau. Askotan berak kontzertu bat bukatzen duenean nire iritzia eskatzen dit. Oso polita da. | news |
argia-93bcb2f2f37e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/estreinakoa.html | Estreinakoa | Igor Estankona | 2017-12-17 | Estreinakoa
Luis Garderen Barbaroak baratzean lan honekin hasi du ibilbidea Balea Zuria argitaletxeak, literatura unibertsaleko irudi eder bezain poetikoa daroan azken zorakeriak. Herman Melvillen balea hura bera ere ideal baten pertsekuzioa ez al zen izan, bada? Sortzaileen artean den Juan Ramon Makusok lerro hauek idatzi orduko esan berri dit irakurleari gogoeta eragiteko, ideiak eta eztabaida jorratzeko sortu dutela argitaletxea.
Eta esan dit baita ere: "Luis Garderen poemagintza ezaguna da gurean. Bere ahots poetikoa oso iradokitzailea da. Bere poesiak lortzen du poeta batek nahi duena, hau da, irakurlea emozionatzea. Bere tonua lirikoa da, demagogiarik gabekoa, irudi askoz hornitua. Hizkuntzak beragan bat egiten du edukiarekin".
Eta ez zaio arrazoirik falta, hizkuntzaren artisauetarik baita iruindarra. Apaina da liburua, arrandiarik egiten ez duena, balore segurua bilduma bateko estreinako titulua izan dadin. Gardek poema liburu bat dakar oraingoan sano urtsua, kresaltsua: "Norbait kaian dago zutik goizez goiz,/ bereak dituen izenen eta ahotsen zain". Hein berean desertua dago, nomadak daude, oihana iradokitzen da. Bizitzaren mugetan idatzitako poemak dira asko, ezezagunaren eremukoak. Zerbait berria, zerbait arrotza, zerbait barbaroa deskubritzen dugunean egiten dugun "beraiek" eta "gu" binomioa desegin gura luketenak uneka: "Zakur hori baten letaginek/ kristal likidoaren beste aldea dute marrazten" edo "zutiarazi ditu/ aitzinean dirdirka ari den plasmako pantaila beroa/ zeharkatzeko irrikak".
Dena den, Garderen irudi eta eskenatoki horiek guztiek beti ez dute lortzen mezua helarazterik. Ez da liburu bat borobila. Barbaroak baratzean batzuetan efektista da zio garbirik gabe. Beste batzuetan soila da, baina poesia soiletik urrun. Liburuko pieza asko narrazio laburrak dira eta, nire ustez, hausnarketok eten egiten dute poesiaren joana zeharo. Beste pieza askok –deskriptiboak, sinbolistak– ezin jakin helburu estetiko hutsa duten, edo esanahi gorderen bat. Askotan liburuek esan ez baina hitzerdika esan dezakete. Kasu honetan, ordea, zaila da estiloaz harago pultsio bat kausitzea, eta zail are kritika honetarako argumenturik bilatzea, sentsazio gazi-gozo honetaz harago. | news |
argia-50c31e98e56d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/philippe-blanchet.html | "Arazoa ez da linguistikoa, soziala eta politikoa baizik" | Mikel Asurmendi | 2017-12-17 | "Arazoa ez da linguistikoa, soziala eta politikoa baizik"
Marseilla, 1961. Soziolinguistika irakaslea. Glotofobia hitzaren sortzailea da. Rennes-2 Unibertsitateko irakaslea eta Discriminations: combattre la glottophobie saioaren egilea. Hendaian emandako hitzaldian, frantses hizkuntza zuzen eta azentu egokiz mintzo ez diren hiztunenganako diskriminazioa eta mespretxua salatu du irmoki: "Glotofobiak gure ikuspegia lausotzen du, baita kultura trakestu ere". Frantziako Errepublikako hizkuntzaz jardun du bereziki, baina ez soilik.
Philippe Blanchet soziolinguista da. Poliglota. Proventzako (Okzitania) familia bateko semea, proventzala eta frantsesa ditu eguneroko hizkuntzak. Kontent dago glotofobia eleak jaso duen arreta dela eta.
Hizkuntzaren eta jendearen arteko harremanaz mintzatu zaigu. Sistema sozialek hizkuntzetan duten eraginaz, euren arteko indar korrelazioaz eta instituzioen eta elkarte sozialen jarreraz: "Ez dago jendarte elebakarra, heterogeneoa da, eta nagusi den hizkuntza –frantsesa kasurako– ez da modu berean mintzatzen. Konfrontazio linguistikoa bizia da, jendartea osatzen duten pertsonen arteko berezitasunen adierazlea, pertsonak ezberdinak garelako, era diferentean mintzo garelako, beste gisa batez bizi garelako".
Hizkuntza praktika sozial gisara aztertu du Blanchetek, eta hiztunoi halaxe begiratzeko gomendioa eman ere, hots, jendeok partekatzen dugun fenomeno sozial gisara. Hona lehen konstatazioa: "Hizkuntzaren praktika ez dago legeak babestua, ezta euren aniztasuna ere. Hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten duten lurraldeetan agerikoa da diskriminazioa". Bera elebitasunean bizi da. Familian proventzeraz hitz egiten dute: "Nire amatxi justiziak punitua izan zen probentzala mintzatzeagatik!". Glotofobia konbatitu behar dugula erran digu ozenki. Frantzian ez direla herritarren eskubideak zaintzen ez errespetatzen, eta horrek arazo etiko izugarriak sorrarazi dituela: "Herritarron engaiamendua ezinbestekoa da, gizarteak inplikatu behar du arazo honen aitzinean".
Eremu-ikerketak
Frantziako lurralde askotariko alor sozialen, instituzioen eta hautetsien jarduerei segimendua egin die, baita Twitter bidez zabaldutako hamaika txio aztertu ere. Eremu-ikerketek "ilea lazteko gisako jarrera glotofobikoak"agertu dituzte. Bi konstatazio: arazoa estrukturala da, eta jarrera glotofobikoak norberarenak dira. Hona, hamaika "perla"-ren artean "bitxikeria" zenbait:
"Frantzian ideologia linguistikoa dago. Genozidioa izan da. Jendeak deskalifikatu ondoren, beren hizkuntzak deskalifikatuak izatera pasatu dira"
Rennesko Hizkuntz Akademiako presidenteak Kontseilu Nagusiko presidenteari idatzi dio bretoieraz. Erantzuna: "Errepublikan ezin da frantsesez ez den beste hizkuntza batean idatzi". Legearen aginduaz harago, joera sarkastikoak ere aipatu zituen Blanchetek, hala nola, Christiane Taubira ministro sozialista ohiarenak: "Inkesta bat agindu zuen Taubirak, ea frantses populazioak berresten ote duen lantokian bi lagunek 'erregioko' hizkuntzan hitz egitea. Afrusa da eta harrigarria, herritarren hizkuntz eskubideak justiziak babestuta daudelako Europan. Justizia ministroak, demagun, beltzek edo elbarriek lan egin dezaketen galdetuko al luke? Ikaragarria da". Proventzako irakaslearen iritziz, "hizkuntzen eskubideei buruz pentsatzen eta erreakzionatzen ikasi behar dugu".
Ignorantziak ez du mugarik, ezta "jakintsu"-arenak ere. Michel Onfray filosofoaren txioak hauxe zioen: "Korsikeraz edo bretoieraz nola esango dute telefono edo ordenagailu hitza?". Telefono hitza grekoa da. Frantsesez hartaz, esan ere ezin: "Maila horretako pertsona batek errana da. Zuek euskaraz ezin dituzue beraz hitz horiek erabili, ez omen dituzue eta. Non comment! " .
Hezkunde Nazionaleko ministro ohi Claude Alegre-ren txioa ere durduzatzeko modukoa da: "Hobe da informatikariak frantsesez edo ingelesez formatzea, baina ez hizkuntza erregionalean". Hots, euskarak artzaina izateko balio du, baina informatikaria izateko ez. Hala berean, Emmanuel Macron presidentea, iragan irailean, Parisko banlieu -etako eskoletan bisitan zebilela errana: "Gaztelu honetan erregeak erabaki du berean bizi diren guztiek frantsesa hitz egin behar dutela".
Blanchetek: "Presidenteak eskubiderik al dauka hori adierazteko? Groteskoa da". Gainera, errana Twitterrez zabaldu zuen. Blancheten aburuz, Macronen hitzetan "identitate nazionala" ezartzeko asmoa begi-bistakoa da.
Glotofobia: diskriminazio soziala
Pertsonak modu ez parekatuan tratatzean, jendeon arrazakeria eta xenofobia azaleratzen da. Sexu joerarekiko diskriminazioa homofobia da. Diskriminazioaz ari gara. Joera horiek ez dira legezkoak, justiziak punituta daude. Diskriminazio linguistikoarekin berriz, ez da berdin jokatzen: "Jendeak ez du ikusten diskriminazio linguistikoaren atzean pertsonak daudela. Arazoa ez da linguistikoa, soziala baizik. Urteak dira glotofobia hitza 'asmatu' nuela. Terminoa zabaldu da, baina arazo linguistikoa dela esatea 'aitzakia' baino ez da, arazoa soziala eta politikoa delako. Beraz, kontzientzia ernatzeko, gauzei diren bezala deitu behar zaie", diosku Blanchetek.
"Diskriminazio linguistikoa aintzakotzat hartua al dago juridikoki?", itaundu digu soziolinguistak. Hona bere azalpena: "1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak pertsona babesten du, baina ez du bermatzen tribunalen aurrean. Artikuluak gutxiengoen alde egiten du. Frantziak 1991n sinatu zuen testua, Konstituzioaren 27. artikuluan dago, baina ez du artikulua berretsi, ez da engaiatzen frantsesa ez den beste hizkuntzen defentsan".
Europako legediak diskriminazioak debekatzen ditu. Frantziak konbentzioa sinatu zuen, baina bi artikulu kanpo utzi ditu. Konbentzioak haur guztiak edozein dela mintzo diren hizkuntza babesten ditu. Hezteko eskubidea daukate edozein dela beren hizkuntza. Frantziak, aldiz, frantsesa mintzatzera behartu ditu, ez da legezkoa, baina egiten du. Legeak honela dio: "Estatuak familia horren kultura eta hizkuntza bermatu behar ditu. Haurrari lagundu behar zaio eta bere kolektibitatearen baloreak integratu eskolan". Etorkinen seme-alabez ari da irakaslea.
"Zein da hizkuntza ofiziala? Frantsesa. Nazionala. Bakarra. Ni beste hizkuntza batean mintzo naiz, proventzera, Errepublikatik kanpo al nago? Hori ere ez da garbi. Legeak ez du esaten ere 'Frantziako hizkuntza ofiziala frantsesa da'. Aitzitik, dio: 'Errepublikako hizkuntza frantsesa da'. Estatuaren formulazio horrek laguntzen du ideologia linguistikoa eraikitzen, hizkuntza horren zentraltasuna eta sakralizazioa sustatzen, eta gainerakoak deskalifikatzen".
Blancheten arabera, "Frantzian ideologia linguistikoa dago. Genozidioa izan da. Jendeak deskalifikatu ondoren, beren hizkuntzak deskalifikatuak izatera pasatu dira. Eskola eta hedabideak direla medio jendeak asimilatu dituzte, baita kolaboratzaileak bihurtu ere". Ama hizkuntza hizpide, hezkuntza sistemak frantsesa pertsonen buruan nola sarrarazi duen ikustea izugarria dela erran digu, beste hizkuntzarik ez balego bezala: "Areago, zenbaitetan, gure ama hizkuntza frantsesa dela sarrarazi digute buruan". Ipar Euskal Herriko aitatxi-amatxien kasua azpimarratu zuen.
Gomendioa: diskriminazio glotofobikoaren aurrean herritar bakoitzak ikasi behar du erreakzionatzen. Biktimak babesten, baita biktimak ez dugula izan nahi agertzen ere. Bestela eragile bihurtzen gara. Zelatan egon behar dugu, glotofoboa ez izateko. Gutxienez horretaz ohartu behar dugu, eta ari gara poliki. Ez da gutxi. Hizkuntzen joera transbertsalak sustatzen ahalegindu behar dugu, gizartea glotofoboa baita neurri handi batean, xenofoboa den gisa bertsuan. | news |
argia-97ca8f4d8a42 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/neandertalen-esku-traketsak.html | Neandertalen esku traketsak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-12-17 | Neandertalen esku traketsak
Neandertalgo gizakiek utzitako aztarnategietan arte adierazpide eta harrizko tresna landu gutxi aurkitu dira, denbora luzez haien garaikide izan ziren Cromagnongo gizakiek utzitakoekin alderatuta. Orain arte, hominido haien ustezko urritasun kognitibo eta sinbolikoarekin lotu izan da hori. Baina Madrilgo Complutense Unibertsitateko ikerlan batek arrazoi mekanikoagoa eman du. Eskulan zehatz eta finak egiteko hatzek zortzi posizio hartu behar dituzte, eta horietatik seik estres mekaniko handia eragiten zieten neandertalei. Neandertalen eta egungo gizakion eskuak oso-oso antzekoak dira, baina falange laburxeagoak zituzten haiek, eta ñabardura hori funtsezkoa izan zen batzuen eta besteon etorkizunean. | news |
argia-a9731ac1d029 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/zer-dabil-parlamentaria-big-pharmak-pagatutako-bisita-gidatuetan.html | Zer dabil parlamentaria 'Big Pharma'k pagatutako bisita gidatuetan? | Pello Zubiria Kamino | 2017-12-17 | Zer dabil parlamentaria 'Big Pharma'k pagatutako bisita gidatuetan?
Amgen multinazionalak gonbidatuta, Dublinen izan dira Madrilgo legebiltzarreko EAJ, PP eta Ciudadanos alderdietako senatari batzuk, ElDiario.es-ek plazaratu eta ARGIAtik Andoni Mikelarenak oihartzun egin zuenez. Ez du zalaparta handirik piztu albisteak. Menturaz bai sortuko zuela, eta handia, herritarrek lotu balute farmaziako multinazionalen promozio operazio hori Gizarte Segurantza kiebra bidean daramaten botika berri txit garestien eskandaluarekin.
Zergatik axola behar zaio irakurleari Amgen izeneko enpresa bat? Interneten Amgenez galdezka hasten baldin bazara, bioteknologiako puntako aurrerapenen albisteak aurkituko dituzu batetik eta, bestetik, botika berriak merkatzea lortu ahala burtsetan bere akzioek egiten dituzten jauzienak. Hori guztiz osasuntsu baldin bazaude.
Zeren eta biziak oparitzat ekarri badizu gaixotasun inflamatorioren bat (heste, larruazal zein hezurretako), edo bihotzeko arazoak edo minbizi gaiztoren bat... orduan bai seguru egingo duzula topo gaur ez bada bihar Amgenekin eta berekin konkurrentzian ari diren multinazionalekin. Ingeniaritza genetikoz sortutako botika biologiko deituak dira gaur medikuntzan trending topic , eta burtsetan negoziorik erakargarrienak egiten dituztenen zerrendetan ere bai.
EAJko Nerea Ahedo doktorea eta PP eta Ciudadanoseko bi senatari gehiago –beste alderdietakoek uko egin omen zioten gonbidapenari– Irlandako bere faktoriara bidai ordainduan eraman zituen Amgen handiak (23.000 milioi dolarreko salmentak, 8.000 milioi irabazietan, 20.000 langile) merkaturatzen du botika biologikoetan izarretakoa dena: artritisa, Crohn eritasuna edo psoriasi bortitza nozitzen dituzten hainbeste gaixok ezaguna duten Enbrel . Marka komertzialak daraman molekula Etanercept deitzen da, baina immunitate sisteman eragiten duten botika berrietako askoren izenak -mab partikulaz bukatzen dira. Horrela, Etanercept molekularen sailekoak dira Infliximab, Adalimumab, Rituximab eta abar luze bat, erreumatologian eta onkologian batik bat baina beste eritasun larri ugaritan ere gero eta gehiago erabiliak.
Duela 20 urte botika biologiko berriok egon ere ez bazeuden, orain bere erabilera medikuntzako establishmentaren dogmetako bat bihurtuta dago. Gutxi dira doktoreak biologikoen arriskuak salatzera ausartzen direnak, terapia genetiko hauen alboko kalteez ohartarazi eta protesta egiten dutenak agintariek horiek merkaturatzeko multinazionalei kontrol sistemak murriztu dizkietelako. Ez dira asko ere gaixoak tratamendu bortitz horiei uko egiteko adorea eta informazioa dutenak. Bere medikuek gaixotasunentzako
tratamendu posibleez daukaten informazio ia guztia multinazionalek banatzen dietena baita, zuzenean publizitate moduan emana ez
denean, edo konpainiek kate motzetik lotutako ikerketa zientifikoen argitalpenetatik jasoa.
Biologikoen kritikak badu, ordea, osagai ekonomiko larri bat. Madrilgo El País egunkariak 2015ean aitortzen zuen Espainiako
ospitaleek botiketan gastatzen dutenaren faktura osoaren %40 biologikoetan joaten zaiela. Berrikitan Frantziako Basta ! hedabideak analisi zorrotz bati izenburu hau ipini dio: " Gure Gizarte Segurantzari milaka milioi kostatzen zaizkion eta osasun sistema arriskuan
jartzen diguten botika garesti horiek ".
"Ohartzen gara –idatzi du Simon Gouinek dossier ondo dokumentatuan– zerrendan dauden minbiziaren aurkako botika berriok hain direla garestiak ezen eta gure osasun sistemaren muinean datzan solidaritate printzipioa arriskuan jartzen baitute. Baina gainera,
medikuek errazen gomendatzen dituzten botiken eraginkortasuna sarritan jarri da zalantzan. Hori dena gutxi balitz, multinazionalek prezioak finkatzeko daukaten sistema iluna da, hau ere harrapatuta daukatelako adituen eta farma-industriaren artean".
Gastuak publikoak, etekinak pribatuak
Egin kontu. AEBetako Medikuntzako Institutuak 2016an publikatu zuenez , han gaixo bakoitzaren urte beteko tratamendua Etanercept, Adalimumab eta Infliximab ekin kostatzen zen 24.859 eta 26.460 dolar artean. Espainian botika horiek urtean 10.000 eta 14.000 euro
artean kostatzen direla argitaratu izan da, farmaziako multinazionalek prezioak batean eta bestean nola alda ditzaketen seinale. Edonola ere, diru asko, milioika gaixo larri eta kroniko epe luzean horiek lotzeko.
Big Pharma k orain arte arrakastaz lortu duen arren bere biologikoak hain garesti saltzea, argudiatuz horiek sortzeko ikerketa eta saiakera klinikoak oso kario ateratzen zaizkiela, azken urteotan erabaki dute beren buruei konkurrentzia egitea nolabait low cost biologikoak deitu genitzakeen erremedio biosimilareak merkaturatuz.
Amgenek bere webgunean aitortzen duenez, biosimilareak eta generikoak ez dira nahasi behar. Botika generiko batek merkaturatzen du markako erreferentziazkoaren molekula bera, prezio askoz merkeagoan, herritar guztiak ohartu direnez. Aldiz, orain merkeago
kopiatu nahi diren botika biologikoak askoz konplexuagoak dira beren osaketan eta biosimilareek horien osagaietako batzuk daramatzate, ustez jatorrizkoaren eragin berdintsua eduki behar dutenak. Horregatik ez dirudi gehiegikeria esatea biosimilareak direla low cost biologikoak .
Honek guztiak zer dauka ikustekorik parlamentarien bidaiarekin? Asko. Uholde neoliberala baliatuz, Big Pharma konpainiek hain garesti saltzen dituzten botikak hein handi batean diru publikoz egindako ikerketen emaitzak dira. Unibertsitate publikoetan herritar guztien diruz egindako ikerlanen fruituak gero abian jartzen dituzte konpainia handiek zuzenean edo hauek soka motzetik kontrolatuta
molekula berriak merkaturatu arteko prozesua egiten duten start up distiratsuek.
Bestalde, botika berrien esperimentazio fase luzea ere osasun sistema publikoaren bizkar egiten dute. Ekonomiaren eta zerbitzu publikoen beste atal askotan legez, gastuak komunitatearentzat, etekinak pribatuak. Gaixotasun kroniko larriren bat edo minbizia jasan duten irakurle bat baino gehiago izango da lekuko nola eskaini zaion punta-puntako botika berrien probatzaile aurreratu izatea. Pribilegioa usteko dute gehienek, akuri lana aitortuko du bakanen batek.
Justu azken atal honetan sartzen da politikarien funtzioa: Big Pharma ren negozio handia oraindik legebiltzarrek arautzen dutenez, legeak malgutzea eskatzen dute industria merkaturatu nahian ari den molekula berriek.
Zenbait mediku kritikok salatzen duten arren –orain artean arrakastarik gabe, bistakoa denez– botika berri garestiok merkaturatzen direla gaixoen segurtasuna bermatu gabe, eraginkortasuna aski frogatu gabe, alboko kalteak ondo neurtu eta ustezko etekinekin alderatzeke...
Hori horrela izan dadin, legegileek industriari baimendu diote merkaturatu aurreko esperimentazio eta entsegu klinikoak laburtzea. Badirudi orain gauza bera erdietsiko dutela biologikoen ia berdintsuak izango omen direla dioten biosimilareekin. | news |
argia-ab8272a34020 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/don-pasquale-deskafeinatua.html | 'Don Pasquale' deskafeinatua | Montserrat Auzmendi del Solar | 2017-12-17 | 'Don Pasquale' deskafeinatua
Benetan zorte txarreko emanaldia izan zen OLBEren abonuko bigarren titulua. Gauza gutxi atera ziren zuzen-zuzen. Hasteko, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren greba. Azken momenturaino espero zen konponketa bat operaren emanaldiak behar bezala egiteko. Baina ez, ostiralean Oriol Rochek, orkestraren zuzendari orokorrak, jakinarazi zion OLBEri greba-deialdiak aurrera jarraitzen zuela. Gauzak horrela, Juan Carlos Matellanesek, OLBE-ren lehendakariak, erabaki zuen emanaldia egitea pianoaren laguntzarekin. Ezin dugu ukatu James Vaughan maisuaren laguntza bikaina izan zela, malgua, ezin hobea, baina Donizetti-ren musikak taxu gehiago behar du. Tristea izan zen hain dotore prestatutako muntaia erabat koloregabe gelditzea. Donizetti sofistikatua da, dentsoa, baina Don Pasquale hau erabat zurbila iritsi zitzaigun.
Bestalde, aldaketa bat baino gehiago egon zen bakarlarien artean. Aurreikusita zegoen Carlos Chausson baxu-baritonoak ezin izan zuen abestu, faringitisak jota, eta haren ordez, Paolo Bordognak egin zuen rol protagonista. Baxu milandarrak benetan ondo bete zuen bere papera, eta meritu handikoa izan zen, kontuan harturik in extremis egin zela aldaketa.
Ernestoren rolean ere mugimenduak egon ziren. Hasiera batean Paolo Fanale tenore italiarrak egon behar zuen gure artean, baina giltzurdinen gaixotasun batengatik azkenean Santiago Ballerini argentinarrak egin zuen papera. Eta oso sorpresa ona izan zen. Ez du ahots handia, baina bai oso ondo tinbratua eta adierazkorra.
Huts egin ez ziguna Jessica Pratt soprano britainiarra izan zen. Ñabardura askoko Norina egin zuen: batzuetan inuzentea eta beste batzuetan manipulatzailea, aise mugitu zen interpretazioan eta arlo bokalean.
Jonathan Miller eszena zuzendariak panpin etxe moduko eszenografia diseinatu zuen. Pertsonaia guztiak gora eta behera, giro korapilatsua irudikatu zuen, oso egokia eta bisuala. Hala ere, eszenografiaren asmaketa, piano jolearen bikaintasuna eta Roberto Abbadoren zuzendaritza doia ez ziren nahikoa izan desastre txikia konpontzeko. Pena. | news |
argia-990f6d8d7277 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/formatuak-axola-al-du.html | Formatuak axola al du? | Irati Elorrieta | 2017-12-17 | Formatuak axola al du?
Saiatu naiz zutabea txioen formatuarekin idazten. Ez dut lortu. Porrota. Baina berdin da, malgua izan eta hibrido batekin kontentatuko naiz.
Urteak dira H.rekin hizketaldi onik izan ez dudala. Nitaz duen erretratu mentalaren azpititulua konbertsaziorako ezinezko bihurtu den ama.
H.: Open mike -etan aurkitzen ditudan gazteekin hitz egiten saiatzean, like-botoia eta komentario laburrak jasotzen ditut. Pantailan bezala.
H.: Telefonorik esku artean ez dutenean ere, telefonoz ari balira bezala komunikatzen dute. Super jatorrak, baina ez dira gatazkarako gai.
20 urte ingurukoen artean tipo bat: gizabidetsua, adeitsua, trebea dena manera onak erakusten. Esajeratuz, horixe da ondoen egiten dakiena.
Ez dut esango ez dela abilezia bat, gaitasun garrantzitsu bat. Baina egoera batzuetan nazkantea izan daiteke. Post millenial ez denarentzat.
Online komunikazioak ezin du neutroa izan, norabide batean edo bestean desbideratu behar du hizkuntzak. Bi aukerak: Bortitza edo adeitsua.
Ez dakit nola izango den gazte euskaldunen artean, ez dut kontakturik haiekin... Hemen ere gutxi. Kokatzeko: H. +50, ni -40, gazte ±20/ iGen
Belaunaldien arteko harremanak... Non topa daitezke iGen -eko kideak? Familia-inguruan, bikotearen edo lagunen seme-alabak, unibertsitatean.
Arte irakasle bat bere 23 urteko ikasleekin internetik gabeko etxe batean lau egunez. Gaia: Asperdura. Irakasleak dio: Ez dakite zer den.
Brecht-en gutunetan: asper-asper eginda dagoela. Benjamin: "Asperdura da ekintza handietarako atalasea". Zertara datoz Brecht eta Benjamin?
Bien adiskidetasunari buruzko erakusketa bat dago Berlinen. Bere kutsu fantasmagorikoagatik, zentzu onean, burutik kendu ezinik dut eta, pertsona errealekin izandako elkarrizketen erdian haien bien arteko harremanaren inguruko gogoetak zeharkatzen zaizkidan bezala, hemen ere sartu zaizkit zirrikituren batetik. Leku piska-piska bat egingo diet.
Nola egin ziren lagun? Benjaminek lagun komun bati Brecht aurkezteko eskatu zion. Lehen topaketa ez zen bereziki ondo joan. Beren inguruko askok ez zuen harremana ulertzen. Froga gisa, ondorengo kalifikatzaileak: zorigaiztokoa, katastrofikoa, asimetrikoa. Gakoak diren bi aipu irakur daitezke: Lehiarik gabea zela adiskidetasuna eta ez zuela iraungo bien gizalege adeitsuagatik izan ez balitz. Adiskidetasun "arriskutsu" baten emankortasuna ikus daiteke museoan. Bi gizonek ez diote beldurrik beren denborakoak ziren gaiei buruz eztabaidatzeari: faxismoa, sexualitatea, marxismoa, Stalin, Kafka.
Museoko objektu bilakaturik, agian, adeitasunak murrizten ez duen sakontzeko gaitasuna.
Horretaz gain, harremanaren aztarna fisikoetan: originalen indarra. Idaz-makinaren lorratza paperean. Eskuz idatzitako gutunak eta oharrak.
Txio berriek 280 karaktere. (Hemengo txio-itxurakoek, duela gutxi arte bezala, 140). Benjaminen anbizioa: 100 letra koaderno-orri batean.
Gerra batek markatu zituen haien bizitzak. "Smartphone"-ak eta sare sozialek markatu dute iGen . Belaunaldi bakoitzak bere tsunamia bizi du. | news |
argia-fc13e5996e69 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/azokan.html | Azokan | Ramon Etxezarreta | 2017-12-17 | Azokan
Hotz egiten zuen urte haietan Durangon, azoka plazako arkupe hartatik biltzen ziren giro hotz haiek guztiak. Zamarrarik ez genuen erazten inondik inora. Euskaltzale gaztea, berantiarra, eta ez nuen ezagutu elizpekoa. Gogoan ditut salmahaien atzetan guretzat, niretzat behintzat, izen mitikoak ziren idazle eta kultura dinamizatzaileak saltzaile, gidari esatea egokiago, lanetan. Saltzaile profesionalik gabe, nobedade apurrak erosi, paperetako sinaduraz besterik ezagutzen ez genituenak haragiztatuta ikusi eta bostekoa eta animo handiak emanaz agurtu. Ez zen festa festagorik hura baino guretzat.
Ez nuen urterik huts egin, nola, bada, hura gabe! Hain zen horrela ez dut ahaztuko, neure buruari ez diodala barkatuko esan nahi dut. Hutsik ez egite horretan, hantxe eta hangoxea erremediorik gabe bizi behar horretan, Inazio Lasa Rezola Azpeitiko Lasaon asesinatu zutenean, ez nintzela hari buruz jarrera hartu zuen udal batzarrera agertu, eta ez eta ez agertzea justifikatu ere. Ez nintzen gizon haren hiletetara, herritar eta zinegotziaren eginkizuna betez, agertu ere egin, gutxiago oraindik familiakoei kontsolamenduzko hitz erdi bat zuzendu ere. Durangoko azokak, ez bestek, zuen bere biziko garrantzia, han egon behar derrigorrezkoa neukan, zer ikusiko, zer esango, zer entzungo, zer...
Beldur urteek expulsatu egin ninduten azokatik, ordurako, jada, neurrigabe jendetsutik. Egun euskal kulturaren beharrek sinboloetatik ihes egitea hobe luketenean, Durangoko Azokak ekarpenik ez diola egiten esango nuke
Urte batean koadrila ere joan ginen esku artean argitara berria genuen Oh Euzkadi ! hartu eta saltzera. Bost durotan saltzen genion erosi nahi zuenari eta opari ematen genizkion erosleari Panpina , Zorion Ustela eta Mermelada Ustela . Altxor baliotsua gaurko begietatik. Ez genuen arrakasta handiegirik izan. Homologazio garaiak zirela zioten euskarazko kulturako santutzarrek. Sarreran mantero gisa geundenok kalera bota gintuzten geure aldizkari eta guzti. Bizi naizeino ez dut ahaztuko antolatzaileei, hatz punta gugana zuzenduz belarriak berotu zizkien kristau zintzo homologagarria. Nola berotzen dizkidan odolak, oraindik ere, Aresti ere guztiz asimilatu, zurrupatu, dutela ikusten dudanean. Sugegorrikumeak, hilobi zurituak!
Hozten hasi nintzen urteak aurrera ahala. Beldur urteek expulsatu egin ninduten azokatik, ordurako, jada, azoka neurrigabe jendetsutik. Egun euskal kulturaren beharrek sinboloetatik ihes egitea hobe luketenean, azokak ekarpenik ez diola egiten esango nuke. Gazteek berenganatu dute ezarri zaien santorala, hauek ere ez dute bat bera huts egiten, milaka kalimotxo, milioika kontsigna, hizkuntza alkoholdua. Aurtengo nobedadeak bi aste lehenagotik erosiak dauzkat eta hurrenkeran irakurtzen ari naiz, jakin mina, aurkezpen data edo auskalo zer apetaren arabera. | news |
argia-2ac4f3616167 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/hezkuntzan-inbertitzea-errentagarria-da.html | Hezkuntzan inbertitzea errentagarria da | Juan Mari Arregi | 2017-12-17 | Hezkuntzan inbertitzea errentagarria da
Hezkuntzan inbertitzea –eta ez soilik unibertsitarioan– errentagarria da herri batentzat eta bere jendartearentzat. Etorkizuna hezkuntzaren bidez eraikitzen da.
Horregatik, ez da ulertzen gobernuak hain zuhurrak izatea premisa hori kontuan ez duten aurrekontuak aurkezten dituztenean. Are gutxiago ulertzen da EAEn unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako langileak zazpi hilabetez mobilizatzen aritzea –aste honetan izan dute bigarren greba orokorra– eta arduradun politikoak kapaz ez izatea erantzun negoziatu bat artikulatzeko. Aldiz, ez dute inongo arazorik patronalarekin biltzeko, haien apetak betetzeko. Patronalak ez du mobilizazioen beharrik zerga jaitsiera lortzeko. Nafarroan, Gobernua agian aurrerakoiagoa izan liteke, baina hezkuntzan murrizketak iragarri dituzte.
Langileek eskatzen dute sare publikoan inbertsioa handitzea, zehazki BPGaren %3,5eko igoera. Hala, Europako %6ko batez bestekora iritsiko litzateke, Unescok aholkatzen duen gutxienekora. Horrez gain, irakaskuntzako pertsonalean 1.800 lagun gehiago behar direla diote, eta behin-behinekotasun tasa %38tik %6ra jaitsi nahi dute; 6.000 lanpostu egonkortu beharko lirateke horretarako. Irakasleek galdutako eros ahalmena ere berreskuratu nahi dute, Haur eta Lehen Hezkuntzakoek 32.500 euroko galera baitute pilatuta eta Bigarren Hezkuntzakoek 41.000 eurokoa.
Egiaz uste bada hezkuntzan inbertitzea errentagarria dela, lehentasunezko zerbait izan beharko litzateke aurrekontuetan partidak zehazteko garaian. EAEn negoziazioa ukatzea mobilizazioak eta greba mantentzen direlako, sua xaxatzea da, eta batez ere, herri honen etorkizuna den gazteriarentzako formazio gastu eta galera gehiago sortzen segitzea. | news |
argia-6530dd24bdb6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/amets-arzallus-antia.html | "Finalerako sorpresa bat bera ere ez egotea izan da sorpresa" | Kattalin Miner | 2017-12-17 | "Finalerako sorpresa bat bera ere ez egotea izan da sorpresa"
Abenduaren 17an BECen ikusiko dugu zein izango den hurrengo lau urtez Euskal Herriko txapeldun. Gaur gaurkoz, Amets Arzallus da txapeldun nagusia: 30 urterekin jantzi zuen lehena eta bigarrenaren bila joko du igandean. BECen kantatu duen hiru finaletan gailurra zanpatu du: hirugarren egin zuen 2005ean, Andoni Egañak Unai Iturriagarekin buruz-buru arituta bere azken txapela jantzi zuen urtean; Maialen Lujabiorekin buruz-buru arituta bigarren geratu zen 2009an, lehen emakumeak txapela jantzi zueneko hartan; eta Lujanbiorekin buruz-buru arituta jantzi zuen Arzallusek 2013an. Finalean entzungo dugu lehen aldiz kantuan aurtengo txapelketan, eta beraz, kanporaketetako saioak gertutik jarraitu dituzten bertsozaleen inkognita nagusietakoa horixe da: "Nola ote dago Amets?".
Txapelketaren azken txanpan sartuta, nola zaude?
Ba ohiko plazako jardunean segitzen dut, normal. Neure burua hor entzuten dut eta hein handi batean probatu ere probatzen dut, baina nik ere badut gogoa neure burua nola dagoen jakiteko, zeren eta benetako momentua iritsi arte, eta txapelketaren estualdi eta estutzeko modu horiek guztiak presente eduki arte, ez duzu gehiegi jakiten nola erantzungo duzun.
Nola bizi izan duzu txapelketa orain arte?
Aski lasai, nahiko hurbiletik, saioetara joan naiz ahal izan dudan guztietan, eta orduan, barneratzen duzu pixka bat txapelketaren mugimendu hori. Beharbada, hainbeste joan naiz saioetara, azkenean tentsio horretara ohitu eta lasaitasun puntu batez segitu ditudala azken finalerdiak.
BECeko argazkia osatu da, eta esan dezakegu aldaketa eta sorpresa handirik gabe osatu dela.
Niretzat sorpresa bat bera ere ez egotea izan da pixka bat sorpresa. Hau da, finalista denak pasa dira finalera eta hori ez da hain erraza; final laurdenetatik datorrenak tentsioaren zama luzea dakarrela uste dut eta finalerdietan beharbada besteak freskuraren abantaila baduela, baina hala ere, finalistarik ez erortzea ez da batere-batere erraza. Nik ikusi ditut, finalistei buruz hitz egiten hasita, denak ere finalerdietan beren burua aski ongi defendatu dutela, ez dira txapelketako egoera guztiak errazak, eta aski ongi ikusi ditut kantukideak.
Esan dezakegu ondo prestatuta etorri direla, baina txapelduna, nola prestatzen da?
Egia esan, nahiko bakartia naiz nire prestakuntzan eta nahiz eta bertso-eskolan txapelketako simulazio bat egiten dugun, ez naiz asko aritzearen zalea, nahiz ondo datorren kontrastatzeko zure prestakuntza bakarti hori.
Kasu honetan nahiko bakarrik aritu naiz prestatzen, etxeko lanetara zentratua, neure gogoetak, neure irakurketak, idazketak egin ditut eta bertsoaren forma aldetik esperimentazioak… Neure lantxo horiek egin ditut eta ez naiz gehiegi elkartu ingurukoekin.
Akorduan daukat orain lau urte Aitor Mendiluzek agurrean hala esan zizula: "Txapela badoa eutsiko dion kaskora". Nola bizi izan du kasko horrek txapelaren zama?
Gogoratzen naiz, hasieratan batez ere, pixka bat neure burua estutzeko joera hartu nuela eta horrek saio ostetan indigestio batzuk eman zizkidala. Hasieran, geure harremana pixka bat gatazkatsua izan zen eta nik uste denbora behar izan dudala doitzeko, egokitzeko, eta neuk ere gauzak lasaixeago hartzeko, eta esango nuke txapelaren itzal puntu horri bake pixka bat eman diodala, eta lau urteren ondoren, elkarbizitza nahiko onean iritsi garela honaino.
Nola ikusi duzu txapelketa? Zein usain, zer tenperatura hartu diozu aurtengoari?
Forma eta diskurtsoaren eztabaidan sartuz, uste dut azken urteetan bai izan dela ondorengoengan joera bat forma aldetik eta teknika aldetik bertsogintza oso teknifikatua egitekoa. Hain teknifikatua, bertsoaren inguruko hainbeste aldamio, ezen aldamioen atzekoa nekeza baitzen ikusten –exajeratuki esanda–. Eta nik uste dut pixka bat kontrako joera bai sentitzen dela, aldamioa pixka bat kendu, eta gehiago erakutsi barruan zer esan dezakeen bakoitzak edo gaiekiko ikuspegian eta hori ildo interesgarria da. Gero bakoitzak ditu bere gustuak eta bere motibazioak eta horiei segitzen die.
Sarri "belaunaldi berriez" hitz egiten dugu, baina, zertaz ari gara? Zein da zehazki belaunaldi berri hori?
Izan liteke bertsogintzaren joera desberdin bat dakarren belaunaldi baten kontua, nik ez dut uste modu hermetiko batean horrela denik ere. Belaunaldi gazteagoetan adibidez, gaur egun puri-purian dagoen gai bat aipatzeko, diskurtso feminista bat dago eta horrek badu bestelako bisualizazio bat, bestelako espazio bat, ikusten da kezka hori presente dagoela, eta gaietara eramana dagoela, baina uste dut belaunaldi zaharretik badatorrela bidea zabaltzeko lan hori.
Agian definitzeko modu ulergarriena izan daiteke, orain arte finalera pasa den belaunaldia eta orain arte finalera pasa ez den belaunaldia. Zeren eta bestela, esango nuke, plazan erreleboa emanda dagoela, belaunaldi berri hori lehengo batzuekin batera dabilela.
Gogotsu al doa Amets Arzallus BECera? Zer utzi eta kontatu nahi digu?
Bai, gogotsu noa, neure gogoetekin eta neure lanketak eginda, eta hori pixka bat azaltzeko irrikarekin. Gero, txapelketa oso-oso terreno mugatua da, ez da erraza han, egun batean, azaltzen zure pentsamenduen erradiografia general bat eta batzuetan esan nahi ez dituzunak ere ateratzen dira, eta hortik erradiografia ere egin diezazukete. Nire kasuan, uste dut jendeak aski ezagutzen nauela lehendik –hurbileko bertsozaleak behintzat–, eta ez du beste pertsona bat aurkituko. Izatekotan, nahiko nuke sakonago iritsi, lehengo bertsokerari eutsi, oraingo garaira egokituta: garaiko testuinguru politiko, sozial, kultural eta orotara. Uste dut bertso bakoitzak bizi garen garaiaren lekukotasuna ematea zor duela, eta nik, bizi dugun momentu honekiko nire kezka eta niri zer pentsatua eman didaten gaietatik zer pentsatu pixka bat eragin nahi dudala. Eragiten badu bertsoren batek zer pentsatu tanta bat norbaitengan, eguna justifikatua gelditzen da. | news |
argia-25cda5a24d5a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/martin-bidaur-idazlea.html | "Ez dagoena bilatzea baino, dagoenetik eraikitzen saiatzea gelditzen zaigu" | Kepa Matxain | 2017-12-17 | "Ez dagoena bilatzea baino, dagoenetik eraikitzen saiatzea gelditzen zaigu"
Itzulera argitaratu du Martin Bidaurrek, azken hiru urteotan idatzitako poema solteei hari bat emanaz. Haurtzaroko haustura baten ondoren, bere buruaren bila dabilen norbait ageri da liburuko bost ataletan zehar. Liburuaz ez ezik, ITU bandaz, bere belaunaldiaz, argitaletxeez eta beste hainbat kontuz ere mintzatu gara.
Zapalduak zituen lehendik euskal literaturaren larre-soroak, baina lehen liburua argitaratzeari darion zera sinboliko hori medio, Itzulera poemategiarekin atera da ofizialki plazara Martin Bidaur. Orain hiru urte Parisen zela idatzi zituen liburuko poema zaharrenak. Materiala pilatu ahala, literatur lehiaketa batzuetan saiatu zen, zorte handirik gabe. "Eskuartean daukadan honek zerbaitetarako balio al du", galdetzen zion bere buruari, "merezi ote du idazten jarraitzeak?". Trantze horretan zela, gertukoek animatu zuten poemak Susa argitaletxera bidaltzera. Durangoko Azokako egun batez, Gorka Arrese editoreak bizkarretik heldu eta bota zion: "Zer, liburua atera beharko diagu, ala?". Eta lanean hasi ziren, ale solteei osotasun bat eman nahian, liburuaren egitura pixkanaka osatu arte. Argitaratu du, jaso ditu kritikak –onak, orain artekoak–, eta ari da elkarrizketak ematen. "Puntu bat iristen da diozuna: honaino. Ez daukat liburuaz ezer gehiago esatekorik". Garaiz harrapatu dugu, zorionez.
Hautsitako souvenir bat atalarekin hasten da liburua. Haurtzaroko gertakari batek erabat baldintzatzen du ni poetikoaren bizitza, zerbait hausten zaio hor, eta geroztik bere buruaren bila dabil.
Atal guztiak daude bere momentuan kontatuta, lehen atala izan ezik. Atzera begiratu bat da atal hori, edo hobeto esanda, oroitzapen saiakera bat. Haurtzaroan zentratzen da, baina ez da haurtzarotik kontatutako zerbait. Galdera bat dago atzean: nor naiz ni? Zerk egiten nau naizen bezalakoa? Atzera begiratzen duzu, are, orainaldira, eta ohartzen zara ez daukazula tresnarik egoera kudeatzeko. Beraz, irteera faltsu bat topatzen duzu: ihes egitea. Kasu honetan, Pariserako ihesa.
Pariserako bidaia baino lehenago ere ageri da ihesa, mundutik bakartzeko joera gisara.
Bai, noski. Ihesa Parisen gauzatzen da, baina bigarren ataleko – Itxaronaldia – poema guztietan ageri da. Zeri itxaroten ari da? Parisera egin behar duen ihes horren zain dago.
Ihes definitiboaren zain dago.
Ustez bai. Bi gauza nahasten dira hor. Itxaroten ari den tokian ezin du egon. Orduan, aukeretako bat da haurtzaroan hautsi zaiona berreraikitzera joatea nonbaitera, edo dena atzean utzita berdin-berdin ihes egitea. Biak nahasten dira atal horretan. Bi ihesak ihes bera dira.
"Satirak, ironiak edota zinismoak balio dute gauza batzuk desprestigiatzeko, posizio hegemonikoak erridikulizatzeko, edo, are, min gehiago emateko. Baina idazkera horrekin ezin zara iritsi beste gauza batzuk eraikitzera"
Ager zitekeen lilurazko Paris bat. Idazle gazte bat hiri literario idealizatura ihesi.
Gaur egun Amsterdam litzateke gehiago (barrez).
Ez da hiri horren arrastorik sumatzen.
Parisko lehen poematik ageri da halako depresio bat, are, epigrafetik bertatik – Ezleku kolosal sentitzen dut hiri hau –. Zentzu horretan, hiria ez dago batere idealizatua. Parisko tristura idealizatzen du, beste ezer baino gehiago.
Etorkizuna galtzea poemak dio: "Atzean utzitako / zerbaiten bila / etorri nintzen / eta batzuetan hobe da / atzean utzitakoaren bila / ez itzultzea". Ohartzen da Pariserako zituen asmoak ez direla gauzatu.
Are, ez zirela errealak. Hor badago frustrazio bat: nahiko hasieratik galtzen ditu pretentsio guztiak, baina amaieran erabat galtzen dira. Alde batera uzten du ihesa. Eta itzulerako trenarekin bukatzen da atala. "Agian ekibokatu egin naiz".
Parisko itzulerara arte hari kronologiko garbi bat sumatzen da. Azken bi atalak lausoagoak dira, alde horretatik.
Uharteak atalaren funtsean beldur bat dago: eszenategi berrian ez dadila Pariskoa errepikatu. Horrek bereizten du azken ataletik – Hutsuneak oinordetzan –, ze hor ja ageri da esperantza izpi bat, gainditu nahi bat, tonuak iluna eta depresiboa izaten jarraitzen duen arren.
Azken ataleko epigrafeak hala dio: "Inoiz galdu dudan / ondasunik preziatuena / da neure burua".
Une batean diozu: " Xaukena xauk ". Ez dagoena bilatzea baino, dagoenetik eraikitzen saiatzea gelditzen zaigu. Norbere burua onartzea, eta gauza horiek guztiak. Eta konturatzea agian ez dela zerbait falta, eta falta baldin bada, hutsune horrek nola eragiten digun aztertzea. Pentsatu nahi dut ageri dela gai horien inguruko jarrera berri bat.
Nola osatzen dituzu poemak? Zein da prozesua?
Denetarik dago. Badaude momentuko inpresioak, koadernoan edo mugikorrean apuntatutakoak, gero hortik tiraka poemak atera direnak. Badaude kalean noala bururatuko esaldiak, bueltak eman eta eman, etxera iristerako poema bihurtutakoak. Eta badaude, baita ere, ordenagailuaren aurrean eseri eta ezerezetik egindako saiakerak ere. Gero, noski, poema guztiak daude behin eta berriro idatzita, irakurrita, zuzenduta… nahiz eta eskuizkribuan poema desberdinak egon, bukaeran dena berdintzen da.
Oro har, nahiko poema soilak iruditu zaizkit. Apaingarri gutxikoak, funtsezkora doazenak. Hartu diot, adibidez, Jon Benitoren Bulkada -ren aire bat.
Ohore bat da (barrez). Egia da poemotan kentzeko joera ageri dela. Gero horrek ekartzen du zailagoak direla ulertzeko, baina jokoa ematen du iradokitzeko.
Era berean, trikimailu gutxiko poemak dira. Artifiziorik apenas dagoen.
Poemak ez dira autokontzienteak. Poema bat idatzi aurretik, asko jota, diot: "Saiatuko naiz ahapaldi bakoitza hiru lerrokoa egiten". Egiturari buruzko erabakiak hartzen ditut aurrez, izatekotan. Gainontzean, gehiago nabil plazer estetikoaren bila, jakin nahirik zerk eragiten didan zerbait. Modu batera idatzita dagoen zerbait beste modu batera idazten saiatzen naiz.
Ezagutzen zintugun liburu hau argitaratu aurretik ere. Hasieratik zara ITU bandako kide. Zer topatu duzu han?
Bilatutako kontua izan zen. Oinarrian, bazegoen literaturzaletasuna bakardadean bizitzetik atera nahi bat. Nahi edo ez nahi, puntu batean literatura ere jarduera soziala da. Irakurtzea eta idaztea gustatzen bazaizu, pentsatzen eta sentitzen duzuna kanporatu nahi baduzu, zure maila bereko jendearekin elkarbanatu nahi baduzu… ITU bezalako zerbait sortzea ederra izan da. Lagun talde bat gara, azkenean.
Eskola funtzioa ere izango du, noski.
Horixe baietz. Gero kontua da zer den nahiko genukeena eta zer den errealitatea. Denboraren zati handiena aldizkariak kentzen digu, eta tarte gutxi uzten digu beste kontuez hitz egiteko. Testuak elkarbanatuz, whatsappetik eztabaidatuz… Nik uste badagoela elkar eragite bat. Hala ere, ITU bandaren baitan oso estilo desberdinak daude, pentsatzeko moduak ere oso desberdinak dira. Adostasun batzuetara iristen gara, baina ez daukagu zertan.
Bistakoa da hori. Lekore aldizkarian oso tonu desberdinak sumatzen dira: badago, batetik, editorialean eta abar ageri den estilo satiriko-zirikatzaile bat; eta, bestalde, antzematen da hizkera "lubakiar" bat ere. Liburu honetako poema batean ere ageri da Lubaki bandaren "bertsio zombie bat" egiteko bilera bat.
Bai, oso literalki. ITU banda sortu aurretik, izan zen huts egindako saiakera bat. Euskalduna tabernan elkartu ginen hainbat lagun. Erreferentziak ziren Lubaki eta Vladimir –ez dakit azken hori bandatzat hartu ote daitekeen, baina Zarautzen gauza batzuk egin zituzten, fanzinea eta abar–. Eta Susa ere bai, noski, oso garrantzitsua. Bai aldizkaria bera, bai argitaletxea. Susaren testu batzuetan ageri da tonu satiriko hori, futitzen dena apur bat guztiaz. Erreferentziatxo hori badago, eta tonu editoriala bada lotsagabea. Baina esandakoa, literatura ulertzeko modu desberdinak daude. Nik uste dut satirak, ironiak edota zinismoak balio dutela gauza batzuetarako. Balio dute gauza batzuk desprestigiatzeko, posizio hegemonikoak erridikulizatzeko, edo, are, min gehiago emateko. Balio dute indarrarekin jolasteko, indar posizio batzuk erakutsiz edo horiek apurtzen saiatuz. Baina idazkera horrekin ezin zara iritsi beste gauza batzuk eraikitzera.
"Nahi edo ez nahi, puntu batean literatura ere jarduera soziala da. ITU bezalako zerbait sortzea ederra izan da. Lagun talde bat gara"
Eta ITU bandak zerbait eraiki nahi du, batez ere?
Ez dauka bokazio bakarra. Eraiki nahi du eta deseraiki nahi du. Literatur sistema guztietan bezala, hemen ere baditugu gure botere harremanak, bere agente hegemoniko eta ez hegemonikoekin. Baina oso sistema berria da hau, eta oso ahula, erraz txikitu daiteke aizkora batekin. Nik uste kontuz ibili behar dela. Gauza asko daude aldatzeko, baina beste asko ari dira aldatzen. Jendea ari da gauza berri eta interesgarriak egiten. Eta hori da bidea, gauzak egitea.
Belaunaldi askok sortu ditu bere egitura propioak hemen. Zuei pasa zaizue halakorik burutik?
Lekore aldizkaria gure kabuz ateratzen dugu. Liburuaren kasuan, Susakoek aukera eskaini zidaten, eta ez nuen bitan pentsatu –berriz ere onartuko nuke, zalantzarik gabe–. Argitaletxe bat sortzeak zentzua izan dezake, ez da inola ere planteatzen ez dugun zerbait –duela gutxi sortu da, adibidez, Balea Zuria izeneko bat–. Baina galdetu behar da, zertarako? Tresna egokia izan daiteke momentuan ez badaukazu beste modurik zure ahotsa entzun dadin, edo iruditzen zaizulako zure tokia ez dagoela orain arte sortutako egituretan.
Edota argitaletxe bat sortzeak, nola egiten den, eragin dezakeelako astinaldi literario bat, belaunaldi berri bat plazara ateraraziz.
Kontua hori da: ea elkartzen zaren jende batekin euskal literaturaren iraultza egiteko, edo elkartzen zaren egiteko zerbait gustatzen zaizuna. Eta hortik zerbait ateratzen bada ondo, eta bestela ere bai.
Esaidazu ze liburuk eragin dizun azkenaldian.
Liburua idatzi bitartean, asko eragin zidan Mari Luz Estebanen Amaren heriotzak libreago egin ninduen poema liburuak. Irakurri nituen, era berean, euskal ipuingintzako pare bat antologia, uste dut bat zela Mari Jose Olaziregik zuzendutako Mende berrirako ipuinak . Eta gogoan dut, beste bat aipatzearren, Mariasun Landaren Festa aldameneko gelan ere, Parisen girotua hura ere. Irakurri ahala pentsatzen nuen: zenbat denbora igaro den ordutik, eta gauza batzuk ze antzerakoak diren. Baina tira, horiez gain, beste asko esango nizkizuke.
Ba al daukazu ezer eskuartean?
Irakurtzen eta idazten ari naiz, nire kasa. Askatzailea izan da liburua idaztea, ze orain poesia beharrean beste gauza batzuk idazten ari naiz. Beti kosta izan zait fikzio bat idaztea, istorio bat kontatzea... Poemak noizbehinka idatz ditzakezu, baina, liburua bukatuta nuela, estreinakoz, udan oporretan izan naiz ipuinak idazten. Ez dakit ezer aterako den hortik, baina behingoz egin izanagatik oso gustura nago. | news |
argia-dd31b5ba0b77 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/separatismorik-ez.html | Separatismorik ez! | Zigor Etxeburua Urbizu | 2017-12-17 | Separatismorik ez!
Wikipediaren definizioaren arabera gizarte-bazterketa da "pertsonek gizarte-ongizatea eta bizi-kalitatea eskuratzeko jasaten dituzten oztopo sozial, ekonomiko edo politikoen multzoa, gizartearen sisteman modu egokian ez integratzeagatik". Nafarroan, hainbat dira definizio horren baitan sartzen diren marjinazio-egoerak, baina bada bat legez ezarrita dagoena, 1986tik: euskaldunon hizkuntza eskubideen zonifikazioa. Gizarte esklusioa gaitza bada, are eta okerragoa da diskriminazio hori legez ezarrita badago, horrek antza handiagoa baitu gizarte kolonialista batena, demokrazia formal batena baino. Hain zuzen ere, 1988. urtean, nafar gazte irudimentsu batzuek izena jarri zioten pairatzen ari ziren egoera horri: Napartheid . Ez zitzaien bidezkoa iruditzen beren etxean bertan baztertuak izatea, eta paralelismoa egin zuten urte haietan, Hego Afrikan, pertsona beltzak pairatzen ari ziren Apartheid izeneko erregimen kolonial gordinarekin.
Bada, 29 urte geroago, lege baztertzaile horrek indarrean jarraitzen du, baina baita kolonialismo orok berarekin duen nagusikeriazko eta segregaziozko pentsaera arrazistak ere. Aldaketa politikoa gauzatu nahian ari den honetan, metropoliko alderdien eta UPNko tradizionalista eta jauntxoen diskurtsoek ez dute aldaketarik izan. Areago, orain, erregimen zaharreko politikariek nagusikeriazko diskurtso antisoziala ekintzetara eraman dute, Nafarroako Gobernuak erabaki duelarik hezkuntzako lan deialdietan hautagaien zerrenda bakarraren alde egitea. Hezkuntza sailaren erabakia deuseztatzeko, helburu zehatzeko lege bat proposatu du PSNk, premiazko prozedura erabiliz, eta Izquierda-Ezkerraren laguntzaz.
Zerrenda bakarraren aurka eginez, separatismo arrazista defendatzen ari dira; xenofobia linguistikoa hauspotuz, gizarte kohesioaren aurka ari dira, bandokeria indartuz. Gainera, lanerako eskubidea zalantzan jartzen ari dira, euskara ez jakiteko pribilegioari eutsi nahian. Alde orotatik da antisoziala. Baina Izquierda-Ezkerrak ez du euskalgintzako eragileekin hitz egiten, ez dute beste argudiorik entzun nahi, eta beraiengandik espero ez den jarrera totalitarioa eta antisoziala erakusten ari dira.
Gobernuaren erabaki aurreragarri hau babestu behar dugu, euskararen mesederako izateaz gain, gizartearen normalizazioaren onerako baita. Izquierda-Ezkerraren jarrera baldintzatzea lortu behar dugu, kaletik. Entzun gaitzala. Hitzordua dugu, abenduaren 16an, eguerdian, Iruñean. Gizarte nafarraren kohesioaren eta normalizazioaren alde. | news |
argia-82bf45e2259c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/glifosatoarekin-gezurra-ari-du.html | Glifosatoarekin gezurra ari du | Jakoba Errekondo | 2017-12-17 | Glifosatoarekin gezurra ari du
Negozioaren nekazaritzak irabazi du. Salerosketaren uzta gailendu da Europan, eta etekinari, soilik etekinari begira lanean ari direnek ziria sartu digute. Beste bost urtean glifosato hiltzailea jan beharko dugu. Glifosatoa hiltzailea da, bai; izan ere, belarrak hiltzeko asmoarekin erabiltzen da, baina belarrak hiltzen dituenak zer ez ote du hilko?
Mundu osoan nekazaritzaren alorra gero eta garrantzitsuago bihurtzen ari da. Etorkizuna eraikitzeko estrategikoa da. Aurrerantzean, gerrak ez dira irabaziko diruarekin, armekin edo ejertzitoekin, gosearekin irabaziko dira. Dirua pilatzen duten multinazionalak lurrak eskuratzen, ura pribatizatzen, hazien erabilera patentatzen, transgeniko kutsatzaileak hedatzen, ongarri sintetikoak eta pestizida hiltzaileak behar dituzten landare aldaerak sustatzen eta abar ari dira. Bidea argia da: berdin da lurra hiltzea, berdin da ingurumena kutsatzea, berdin da bioaniztasuna agortzea, berdin da gero eta jendarte gaixoagoa izatea; guk patrikak beteta ditugu, gero eta beteago, gainezka.
Garai batean nekazaritza industriala deitzen genion, aspaldi aldatu genion izena; orain nekazaritza kapitalista da. Nekazaritza horrek ez du elikagairik ekoizten; dirua ekoizten du. Mozkina ez da ogia, mozkina sosa da, dirua. Eta diru-goseak mugitzen du Europa.
"Iraultza berdea" saldu ziguten duela mende erdi bat baino gehiago, nekazaritza industrialak bere kimika eta pozoi guztiekin munduko gosea berdinduko zuela. Emaitza gose den mundu erdiaren eta gaixo den beste erdiaren ahotan dabil: klima aldatzen, lurrak antzutzen, pobrezia areagotzen, planeta erretzen...
Nekazaritzan eta lorategietan "belar txar" direlakoak hiltzeko ez ezik, beste gauza batzuetarako ere erabiltzen da glifosatoa. Esaterako, trenbide ertzetan hazten den belarra akabatzeko. Urdaibaiko Biosferaren Erreserban egindako argazki honetan argi bereizten da glifosatoz blaitutako bazterra.
Glifosatoa da guda hori ondoena islatzen duena. Sekulako herbizida indartsua da, nekazariaren lana arintzen du, eta hura erabiltzea eskatzen dute; ordainetan, gu denon etorkizuna kixkaltzen ari gara. Nekazari horiek badakite hiltzailea dela, bere ondorengoen lurra eta etorkizuna erretzen ari direla. Administrazioko enpresetako teknikariena okerragoa da: urrutiko bulegoetan erabakitzen dute trenbideetan –argazkian bezala–, errepideetan, espaloietan nahiz plazetan glifosatoa erabiltzea. Eta zientzialariak, zuritasunaren zuritzaileak.
2015ean eman zuen Osasunaren Mundu Erakundeak epaia, Minbiziaren Ikerketarako Nazioarteko Agentziaren bitartez: seguruenera, minbizi-eragilea da glifosatoa. Ikaragarrizko mugimendua sortu zen haren erabilera galarazteko; milioi bat sinadura baino gehiago bildu ziren. Alferrik. Europa diruzaleak irabazi du.
Ez etsi, hala ere. Gure esku dago: ekologikoa jan. Eta Europara begiratzeari utzi, eta aldamenean dugun zinegotzi, alkate, diputatu, teknikari, nekazari eta abarri kalakan hasi: bizi behar dugu, glifosatorik ez! | news |
argia-4e89096a87de | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/jesus-olasagasti.html | Gizarte baten erretratua | Xabier Gantzarain | 2017-12-17 | Gizarte baten erretratua
Duela 110 urte jaio zen Jesus Olasagasti Irigoien (Donostia, 1907ko abenduaren 20a - Donostia, 1955eko abuztuaren 5a), eta erdi ahaztuta dugu jada. 2007an eskaini zioten erakusketa bat, bere jaiotzaren mendeurrenean. Harrezkero, bere erretratuetako jendeek ez dute jende askorik ikusi.
Hemeretzi urterekin margotu zuen hemengo koadro hau: inpresionismo osteko joeren eragina nabari du, fauvismoarena esaterako, Matisse dakar gogora, askea da pintzela. Abangoardia zalea izan zen gaztetan, Europan zehar ibili zen orduko beste artista asko bezala, belakia zen, gustuko zituen artista eta joerak bereganatu zituen.
Jaioterrira bueltan, abangoardia zaletasun horrek Rhin eta Madrid kafetegietako tertulietara eraman zuen, eta ondoren GU elkartea sortzera, beste artista, arkitekto, idazle batzuekin batera. Tartean ziren Juan Cabanas Erauskin eta Jose Manuel Aizpurua. Futuristei gertatu bezala, hauei ere abangoardia zaletasunak faxismoarekin lerratzea ekarri zien.
Afixak egin zituen frankistentzat. Eta paradoxa horretan geratu zen harrapatuta Jesus Olasagasti artista: abangoardiaren aldeko uste zuten mugimendua berehala agertu zen erreakzionario, atzerakoi, edozein berritasun estetikoren kontrako. Eta gerra ostean, gaztetako eraginak eta aldaketa grinak erabat ahaztuta, erretratuak egin zituen bizitzeko, erretratu akademikoak, Donostiako aberatsenak, elizgizonenak, agintarienak.
Enkarguz egiten zuen lana batik bat, eta ito egiten zuen horrek. Alkoholari emana bizi izan zen azken urteetan. Gazterik hil zen, 48 betetzeke. Bere arte lanagatik baino, ia ezagunagoa da Donostiako arte giroa suspertzen egindako lanagatik eta, batez ere, gerora artista bilakatu ziren gazteei eskolak emateagatik, Bixente Ameztoi tartean, iloba zuena. | news |
argia-2227d68ab0ae | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/ankiloglosia.html | Mihi-hariaren eragina ahoan eta ahoskeran | Ainhoa Mariezkurrena Etxabe | 2017-12-17 | Mihi-hariaren eragina ahoan eta ahoskeran
Organo bat gorputzeko berezko lekutik gehiegi ez aldentzea ekiditen duten tolestura txikiak dira galgatxoak. Ahoan ditugun mintzak dira. Hiru dira eta motzak baldin badira, ondorioak ekar ditzakete.
Goiko eta beheko ezpainetatik hortzoietara iristen direnak eta mihi-hari edo mihipeko galgatxoa bereiz ditzakegu ahoan. Behekoa da arazorik ematen ez duen bakarra. Goikoaren eraketa desegokia bada, adibidez, erdiko hortzak banantzea ekar dezake eta hozkatzeko moduan eragin. Maider Egino logopedak, ordea, mihipeko galgatxoaren gorabeherez mintzatu zaigu, arazo gehien ematen dituena baita.
Esan bezala, galgatxoa motza izateak ondorioak ekar ditzake, mingainaren berezko mugimendua muga dezakeelako, behar beste luzatzen uzten ez diola-eta. Ankiloglosia edo mihipeko galgatxo motza deitzen zaio horri. "Jaioberriek ahosabai altua eta estua dute eta mihiaren mugimenduak egiten du jaitsi eta zabaltzea. Mihiak mugitzeko aukerarik ez badu ez da aho barruko aldaketarik emango eta ahoko egitura guztia kaltetuko du", azaldu digu Eginok. "Ahosabaia altu gelditzean, koanen (sudur-zuloen zabalera) diametroa txikiagoa izango da eta horrek ahotik arnastera behartuko du. Ahoa irekita lo egin eta zurrunga eragiteaz gain, haizea filtraziorik gabe sartuko da ahotik biriketara. Hotzagoa ere badenez, bronkitis, neumonia eta otitisak hartzeko arriskua handituko da".
Era berean, hortzen itxiera eta ahoskera desegokiak ekar ditzake. Hortzak ateratzen direnean, banatuta edo pilatuta izateko gakoetako bat izango da ahosabaiaren eraketa. Gerora aparatu beharra antzemango da; halaber, denborarekin dislalia eta hainbat hizkiren ahoskera desegokiak eragingo ditu, "mihi punta ez baita artikulazio puntu egokietara heltzen letrak ongi ahoskatzeko".
Jaioberritatik jakin daiteke, beraz, galgatxoaren tamaina motza ote dugun. Ordutik hasiko dira kalteak. Amaren bularrera heltzeko zailtasunak, kolikoak eta gehiegizko gasak eragin ahal dizkio, esne kopuru gutxi hartzeaz gain. Amari ere titiburuak mindu eta zauritu dakizkioke.
Kalterik ez eragiteko, arreta lehenbailehen jartzea gomendatzen du logopedak. Mihiaren mugimendua begiratu beharko da: ezpainetatik kanpora irteten ote den, ahoa irekita egonik ahosabaira iristen ote den, deformatu gabe alde batetik bestera mugitzen ote den... Behin logopedak diagnosia eginda, otorrinolaringoloarengana bideratuko du eta honek galgatxo motzak kalterik egingo dion ala ez esango dio.
Moztu ala ez?
Mihiaren mugimenduak lantzeko ariketak badira, baina galgatxoa, normalean, ez da haziko, ez duelako zuntz elastikorik. Zein da konponbidea? Har daitekeen erabakietako bat galgatxoa moztea da, baina Eginok kontatu digunez, eztabaida pizten du batzuetan. "Mediku batzuek diote lehenbailehen moztea hobe dela arazo horiek guztiak saihestuko direlako". Gainera, ebakuntza erraza denez, txiki-txikitan haurra lokartu beharrik ez dagoela gaineratu du. "Txiki-txikitan mozten bada ez da ebakuntza, oso erraza da. Eragozpenak ekarriko badizkio, dudarik gabe jaio eta berehala moztuko nioke". Ondo moztuta badago, ez du ondorio negatiborik. Horretarako, lehenik, eragin dezakeen kaltea baloratzea ezinbestekoa da.
Seme jaioberriari mihi-harian ebakia egin zioten aita batek kontatu digu medikuek horixe esan ziotela, hobe zela lehen egunean bertan moztea, "erraz" egin daitekeelako. "Aurrerago, auskalo". Besteren artean, azaldu zioten hizkeran eta esnea hartzerakoan eragina izan zezakeela mihi-haria ez ebakitzeak. "Di-da batean egin zuten, labana moduko batekin". | news |
argia-da792dcedf06 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2579/abertzaleek-garaipen-zabala-lortu-dute-korsikako-hauteskundeen-bigarren-itzulian.html | Abertzaleek garaipen zabala lortu dute Korsikako hauteskundeen bigarren itzulian | Andoni Mikelarena | 2017-12-11 | Abertzaleek garaipen zabala lortu dute Korsikako hauteskundeen bigarren itzulian
"Korsikarentzat" koalizioak botoen %56,5 lortu ditu. Abstentzioa %47,4koa izan da. Korsikeraren ofizialtasuna, preso politikoentzako amnistia eta estatutu berria dira legegintzaldirako erronkak.
Ez da sorpresarik egon Korsikako hauteskundeetan. Duela astebete bozketaren lehen itzulian egin bezala, Gilles Simeoni (Egin dezagun Korsika) eta Jean-Guy Talamoniren (Korsika libre) koalizioak botoen %56,5 lortu ditu. Abertzale eta independentistek osatzen dute zerrenda. Gobernu berria urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da martxan.
Bigarrenak eskuindar erregionalistak izan dira, botoen %18,29 lortu ditu Jean-Martin Mondoloniren zerrendak. %12,67 lortu ditu Jean-Charles Orsucci Frantziako presidentearen babesa zuen hautagaitzak. Azkenak, errepublikanoak izan dira, botoen %12,57rekin.
Abertzaleak indarra hartzen ari dira Korsikan. 2015eko hauteskundeetan gehiengo absolutua lortzeko zorian egon baziren, oraingoan ganberaren bi herenak eskuratu dituzte. Independentziaren bidea ordea, momentuz alde batera utzia dute. Datozen hiru urteetan autonomia estatutu berria negoziatu nahi dute Frantziarekin. Legegintzaldi honetarako helburuak dituzte, Korsikeraren ofizialtasuna eskuratzea, preso politikoentzako amnistia eta espekulazio urbanistikoari aurka egiteko legedia onartzea.
Aurreko itzulian baina baxuagoa izan da abstentzioa, hala ere bozkatzera deituta zeuden 233.575 herritarretatik 110.639k ez dute parte hartu. | news |
argia-fd5dab1f1c7a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/amazigera.html | Libiako "beste" historia idazten | Karlos Zurutuza | 2015-02-08 | Libiako "beste" historia idazten
Lau hamarkada luzez debekatutako hizkuntza berpizten dihardute Libiako amazighek. Iragana, baina, pisua da, eta korapilatsua oso herrialdeko egoera. Ez da erraza.
Hotz dago ikasgela barruan. Ume askok artilezko txanoak jantzita dituzte, eta munduan gutxik identifikatuko luketen alfabetoaz ari dira lanean. Nekez pentsa liteke Mediterraneo hegoaldeko eskualde batean gaudenik. Libiako mendiotan, alabaina, neguko ohiko irudia dugu.
"Amazigerazko hiru ordu eskaintzen ditugu astean, 1. eta 4. maila bitartean", azaldu dio Argiari Mezzoko eskolako zuzendari Said Azabik. Jadu herriko auzoa dugu Mezzo, Nafusa mendikatean, Libia ipar-ekialdean.
Berbere izenez ezagunagoak diren arren, Afrika iparraldeko jatorrizko herria da amazigha. Marokoko kostaldetik Egiptorainoko esparruan zabaltzen dira, eta Sahara barruko tuaregek hitz egiten duten hizkuntza bera dute. Askok diote herri hau egundaino bizirik irautea miraria dela; arabiarrak lurralde hauetara VI. mendean iritsi zirenetik, asimilazio prozesu bortitzari aurre egin behar izan baitiote amazighek. Libian populazioaren %10 direla uste da.
"Amazigerazko lehen eskolak 2011n eskaini genituen, mendi hauetan, gerrak oraindik irauten zuela (Egunsentia gizon askeen mendietan, Argia, 2.290. znbk.)", ekarri du gogora Azabik, umeak patiora atera berri direla. "Adfel, adfel!", oihu egin dute umeek: "Elurra!".
Zuzendariaren hitzetan, erabiltzen duten materiala eta irakasle taldea "boluntario andanari" esker lortu dira. Baina ez da erraza izan. 1973an, Muammar Gaddafiren "iraultza kulturala" zela eta, bere Liburu berdearekin bat ez zetozen gainontzeko guztiak debekatu eta, askotan, suntsitu egin ziren. Amazighak arabiar jatorrikoak zirela zioen Gaddafik, eta dialekto hutsa beren hizkuntza. Herri honen hizkuntza eta kultur adierazpen oro debekatu zituen agintariak.
"Errautsetatik atera ginen eta galdutako denbora berreskuratzeko ahalegin bete-betean ari gara gaur egun", dio Madghis Buzakharrek. Preso politikoa izan zen Buzakhar, eskola liburuen egileetako bat da egun. Tripolin bizi arren, Nafusako semea da 33 urteko gaztea, Jefren herrikoa, hain zuzen. Zalantzarik gabe, Libiako amazighen gune nagusia dugu mendikatea, baina ez bakarra. Zwara herria da bestea, Tunisiako mugan, kostaldean. Han, irratiko egoitzan egiten dira kultur ekintza gehienak. Gaur 15 irakasle bertaratu dira, 4. eta 5. mailetako material berria ezagutzeko asmoz.
"Gehienok ama hizkuntza amazigera izan arren, 2011 arte ez ginen hasi idazten. Tifinag-a, gure alfabetoa, debekatuta egon zen Gaddafiren agintean", dio mintegiko parte-hartzaile Noha Alasik.
"Interneti esker ikasi nuen idazten sasoi hartan", gaineratu du 24 urteko gazteak. "Hemen gauden guztiok halaxe lortu genuen".
Bere alboan eserita dagoen Fatwa Halib bat dator. Irakasleen ebaluaketaren arduradun nagusiak erronkaren nondik norakoak azaldu dizkio Argiari: "60 irakasle ditugu Zwarako 26 eskoletarako, baina ez da inondik ere nahikoa", kexu da 33 urteko boluntarioa. "Batetik, boluntarioen formazio ezak hutsunea dakar; bestetik, epe luzerako planik ez daukagu".
Arte irakasle Najib Sasi, Hezkuntza Ministerioko amazigeraren irakaskuntzarako sailburua ere bada. Bere ustez, ez dira logistika kontuak oztopo bakarrak.
"Mendez mende arabismoan oinarritutako mentalitateari aurre egin behar diogu, eta ezin dezakegu ahaztu herrialdeko egoera korapilatsua", baieztatu du Sasik Zwarako bere bulegotik.
Egoera benetan aldrebesa da Libiakoa. Bi gobernu daude: Tripolin bat, eta Egiptoko mugan dagoen Tobruk hirian bestea. Bakoitzak hamaika miliziak osaturiko armada du, eta elkarren kontra borrokatzen ari dira herrialde osoan. Funtsean, gerra zibilaz ari gara.
"Euskaldunen esperientzia"
"Nola demontre egin dezakegu aurrera egoera honetan?", damu da Hafed Fatis. 48 urteko zwaratarra Euskal Herrian izan zen, 2013an, Garabide elkartearen gonbidapenari esker. Hiru hilabeteko ikastaroan, kultura gutxituetako beste hainbat kiderekin batera, euskararen normalizazioan emandako urratsak ezagutzeko parada izan zuen amazighak. "Hamalau ginen taldean: kurduak, aimarak, ketxuak… Aukera ezin aberatsagoa izan zen guretzat euskaldunen esperientzia ezagutzea", azpimarratu du ekintzaileak. Euskal Herrian ikasitakoa Libiako bere eskualdean ezartzeko ahaleginetan dihardu Fatisek. "Nekeza" dela dio: "Hemengo askok berehalako emaitzak nahi dituzte, baina zera ikasi nuen euskaldunengandik; hizkuntza gutxitu baten erabateko normalkuntza epe luzeko egitasmoa dela".
Mezzoko 3. mailako ikasleak gazteegiak dira debekuen hamarkada lazgarriak gogoratu ahal izateko. Areago, haietako batzuk ez ziren Libian bizi 2011 aurretik. Bederatzi urte dituen Talia, esaterako, Sudandik iritsi zen gerra bukatu ondoren. Egun, ordea, bere gelakideek bezain ongi hitz egiten du amazigeraz. Arrazoia agerikoa da. "Nire etxea hemen dago, Jadun. Ni ere libiarra naiz", dio neskatoak, asteko azken amazigera eskola bukatu aurretik. | news |
argia-11a49b7ef3ef | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/entresaka.html | Entresaka | Koldo Aldalur | 2015-02-08 | Entresaka
Jakin berri dut, egunerokoan logikoak egiten zaizkigun hainbat ekintza "arraro" bihurtzeak, objektuak erori egiten direla esate baterako, bultza gaitzakeela hauek era berri eta egokiagoan aztertzera, ezagutzera. Zalantza eta galdera gure sormena martxan jartzeko behar ditugun derrigorrezko tresnak ditugula, hain zuzen ere zalantza eta galdera gehiago sortu ahal izateko. Jakin-mina.
Ulertu ahal izan dut ere testu baten aurrean gaudenean hitz ugari –aparteko esanahirik ez dutelako edo– soberan ditugula testu horrek dioena ulertzeko, eta garrantzitsuak egiten zaizkigun hitzek erreakzioak sortzen dituztela gure garunetan. Eta neurozientziari lotutako jardunaldi hauetan ikasitakoa egunerokotasunari aplikatuz, konturatu naiz azken hogeita bost urteak eman ditudala kiroletan lanean eta entresaka egiterako orduan nire garunean arreta sortu duten uneak oso gutxi izan direla. Testu luzea bai, baina esanahi gutxikoa izan ote da, ba?
Txispazoa sortu zizkidatenen artean, ASPE sortu zenekoa gordea dut. Donostian ginen ETBko pare bat gorbatadun eta ni neu albistea zabaltzeko irrikitan. Hori gerta zedin, Augusto Ibañez Titin III.ak kontratua sinatu behar zuen, eta gainontzeko pilotariak Bilbo inguruan zain ziren, errioxarrak noiz sinatuko, eurak ere sinatu ahal izateko. Bestela, itxura onik ez.
Luis Benito Nalda pilotari ohia zuen aholkulari eta akuilulari Triciokoak, eta "txakur zaharrak" bazekien hogeita hamaika eskutik zituztela. Zer eskatu, huraxe emango zietela. Eta oso estu hartu zuen Augusto, kontratuan azken uneko aldaketak exijitu zitzan. "Bizitzan behin izaten dira horrelako maukak", errepikatu zion denon aurrean behin eta berriz. "Gainontzekoez ez arduratu orain. Zuzenduko du okerra denborak".
Baina Titinek hitza emana zien hurrengo urteetan lankide izango zituen haiei, eta hitza bete egin zuen enpresa berria sortuz eta bide batez kristoren "pelotazoa" jotzeko aukera bertan behera utziz. Ez ziren etxera nahi orduko iritsiko egun hartan pilotaria eta pilotari ohia! Donostia eta Errioxa batzuetan oso urrun geratzen dira.
Eta orain, Augustok galtza zuriak non dituen ez dakienean jada, distantziak ematen duen perspektibarekin, bere jatortasuna, artearekin gertatzen den legez, argiago interpretatzen dut.
Urrundu eta arreta sortzen didana argiago ikusi, okulistari bisitatxo bat egin beharko diot! | news |
argia-caf7bff8abd3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/aritz-azparren.html | "Ugandako komunitatea berpiztu nahi dugu gero haiek nahi bezala jarrai dezaten" | Reyes Ilintxeta | 2015-02-08 | "Ugandako komunitatea berpiztu nahi dugu gero haiek nahi bezala jarrai dezaten"
Ugandako Moyo eskualdean urtebete lanean izan da bertako haurren musika banda antolatuz eta musika irakasleei irakasten irakatsiz. Orain etxean, Iruñerrian, bueltan da Aritz Azparren musikari gaztea. Diru eta laguntzaile bila etorri da martxoan hara itzultzeko.
Musikaria betidanik?
Hiru anaiok musika ikasi genuen, gurasoek bultzatuta. Haiek Uharteko Ardanbera fanfarreko sortzaileetako bi dira eta bonbardinoa eta biolina jotzen jarraitzen dute. Guk ere gazte-gaztetatik fanfarrean jotzen genuen. Ondoren Diaforius haize ganbera taldea sortu genuen bost musikariren artean. Oso gustuko dut talde txikietan jotzea.
Musika eta teologia uztartu zenituen ikasle garaian.
Flautako goi zikloa egin bitartean, bi urtez erlijio zientziak, teologia, ikasi nuen. Ez naiz damutzen oso interesgarria izan zelako, batez ere lehen urteko ikasgaiak filosofiarekin oso lotuta zeudelako, baina ahalegina ez zen sobera ona izan osasunerako, azterketa garaietan lotarako ere denborarik kasik ez nuelako.
Teologia zergatik? Bokaziorik sentitu al zenuen?
Horregatik hasi nintzen. Gaztetan Burlatako jaberiano fraideekin asko ibiltzen nintzen eta haiek bultzatu ninduten horretara, baina berehala erabaki nuen ez nuela apaiz izan behar. Ikasi bai, interesa nuelako, baina besterik gabe. Erlijioa fenomeno interesgarria da, soilik gizakumeena den kontu bat.
Gazteak gero eta urrutiago daude Elizatik?
Bai, bistan da. Nire ustez galdera litzateke zergatik ez diren hurbiltzen gazteak. Txikitan elizan irakatsi zizkidaten gauza asko dira gaur egun Podemos alderdi berriak aldarrikatzen dituenak: justizia soziala, txiroen bazterkeria desagerraraztea, injustiziak ez onartzea… Eta arazoa ez da soilik gazteak ez direla hurbiltzen, aurka jartzen direla baizik. Baina normala da, Elizaren jokamolde batzuk oso ulergaitzak direlako. Adibidez orain arte egon diren aita sainduek sistema neoliberalaren aurka oso gutxi hitz egin dute. Orain dagoenak ematen du baietz, baduela interesa argi eta garbi mintzatzeko eta hori dela-eta batzuek diote laster zerbait gertatuko zaiola. Beste adibide bat: homosexualen aurkako jazarpen etengabea dago. Bekatua dela pentsatzen dute askok. Nik jarrera hori ez dut ulertzen eta are gehiago, bekatua balitz, arrazoi gehiago haien alde egiteko, Itun Berriak dioen bezala. Agian jarrera oldarkor horiek sustatzen dituzten pertsonak oso gutxi dira Eliza barruan, baina oso entzutetsuak eta boteretsuak dira. Zergatik homosexualak jazartzen dira eta ez, esate baterako, sekulako aberastasuna dutenak? Lukurreria bada zazpi bekatu nagusietako bat eta horren kontra ez da ezer egiten. Soilik sexuarekin zerikusirik duena da gaitzesten dena. Gainera akusazioak egiten dituztenek askotan bekatu nagusi horietako bat baino gehiago izaten dute.
Arazo zaila da. Elizak hutsik egotea ez da inolaz ere kontu txarra. Izan dadila izan behar duena. Eliza Jaungoikoaren ordezkaria da teorian eta hala ez bada, hobe desagertzea. Badirudi, oro har, gizakion erlijiozkotasuna ez dela gutxitzen ari. Izan ere, jende askok bestelako erlijioak bilatzen ditu. Galtzen ari dena da erlijio instituzionalen indarra. Ni erlijio instituzionaletik erabat kanpo nabil, baina Ugandan harreman estua dut harekin. Egia esan han bestelako Eliza dirudi: eskolak egiten ditu, osasun etxeak…
Gobernuz Kanpoko Erakundeak misiolarien ondorengoak dira egun?
Askotan bai.
Batzuei leporatzen zaie "hirugarren mundukoei" laguntzera joan nahi izatea zuri salbatzaile eta eskuzabalaren jarrera edukita…
Justifikatuta dago kritika hori. Duela zenbait urte hori zen kooperazioaren funtsa: guk badugu baliabide gehiago, teknikoak eta ekonomikoak, eta hori dela-eta zuei laguntza ematera gatoz. Horren harira proiektu ergel asko egin izan dira. Erabat burugabeak. Behin esan zidaten Hego Amerikako oihanean bizi zen tribu bateko kideentzat komunak egin zituztela. Handik gutxira erabat hondatuta zeuden, ez zituztelako erabiltzen. Ez zuten behar. Beste adibide bat: Hego Amerikan badira milaka musika pieza Barrokoaren garaikoak Europatik joandakoek eginak, baina bertakoen musika apenas ez dugu ezagutzen. Kooperazioaren beste akats bat da larrialdien aurrean berehala erreakzionatzen dugula, baina gero dena ahaztuta gelditzen dela. Nork gogoratzen du egun Haiti? Gaur egun, oro har, garapenerako jarduera aldatzen ari da: orain abiapuntua izaten da haiek adierazitako behar bat asetzeko proiektuak martxan jartzea.
Zu Ugandan egiten ari zaren bezala?
Bai. Moyon bazegoen musika banda bat, Lehen Hezkuntzako irakasle batek sortua. Hark esan zidan ongi legokeela hara joatea eta musikaren pedagogia irakastea. Haiek erabaki behar dute egitasmo hori nola nahi duten garatu eta guk horretarako baliabideak eman behar dizkiegu, besterik ez. Ez hemengo ereduak esportatu. Bistan da, gainera, hemengo sistemak ez duela ongi funtzionatzen. "Lehen mundua" deitzen dugun honetan gero eta jende gehiago dago aurrera ateratzeko zailtasunak dituena eta oso gaizki, pobrezian, bizi dena. Hori al da munduan zabaldu nahi duguna? Urtebete Moyon eman ondoren argi dago interesa dutela. Musika banda sortu izana horren froga da. Musikaren alde teknikoa ongi ikas dezaten eta gero jar gaitezen ingurura eta atzera begira bertako musika ezagutzeko. Musika egiten jarraitzea gizartea berreraikitzeko onuragarria izanen da.
Musika, beraz, herria berreraikitzeko tresna?
Gerra osteko gizarteak oso konplexuak dira. Madi taldeko kideak, Moyon bizi direnak, kulturalki oso langileak ziren. Haurrak eskolara bidaltzen zituzten, gizon-emakumeek lurra lantzen zuten, animaliak zaindu, etxea ongi kudeatzen zuten… Orain gerra dela-eta kultura hori desagertu da. 70eko hamarkadako gerra baino lehen Moyoko ikasleek Uganda osoko notarik altuenak ateratzen zituzten eta orain aldiz, txarrenak. Zer gertatu da hor? Hori ulertzen ez baduzu, jendearen gaur egungo "alferkeria" ez badakizu nondik datorren, ezin duzu deus egin hemen. Askori gertatu zitzaien, adibidez, etxea eraikitzen hasi eta izugarrizko ahaleginak egin ondoren soldaduak etorri, familiak hil eta dena suntsitu izana. Asko eta asko etxerik, herririk eta lanik gabe gelditu ziren bat-batean eta erbestera joan behar izan zuten. Emakumeak dira familia aurrera ateratzen dutenak eta gizonek ez dute ia ezer egiten. Orain talde osoa berpiztu dezakeen zerbait da behar dutena. Nelson Mandela bezalako pertsonak salbuespenak dira. Torturatuak, jipoituak eta zapalduak izan direnek ezin dute aurrera jarraitu irribarretsu eta deus gertatu izan ez balitz bezala. Gure ikasletxoen bihotzetan dagoena da haien gurasoek erakutsi dietena. Ez dute maila onik, ezta ikasteko jarrera egokirik ere. Axolagabekeria eta etorkizunerako ilusio falta ikaragarriak dira.
Gure proiektuaren helburu nagusia da egoera hori aldatzen saiatzea. Gure kargu dauden haurrei erakusten diegu musika tresna gaur hartu behar dutela eta jo, eta bihar ere bai eta etzi, eta egunero. Praktikatu, garaiz etorri eskolara, jo ondoren garbitu tresna eta ongi gorde… Jokamolde horiek haientzat berriak dira etxean ez dietelako irakatsi. Lehenago natural zituzten portaerak berriz natural bilakatu nahi ditugu. Zaila da baina gurasoek ikusten badute haien seme-alaben ahalegin honek emaitza onak dituela, agian lehengo izaera eta jokaera itzuliko dira.
Nola iritsi zinen zu Vura Musik Projekt honetara?
Gure izeba bat misiolaria da. 42 urte inguru daramatza Ugandan. Egoera latz asko ezagutu ditu eta ihes ere egin behar izan du. Grace izeneko bertako apaiz bat ezagutu eta dirua bilatu zuen Madrilera ikastera joaten laguntzeko. Diru-laguntza txiki bat eman zioten ikasketak eta bizitokia ordaintzeko, baina ez jateko. Hori dela-eta hemen ere diru bila hasi ginen gizon honi laguntzeko. Denborarekin garbi asko erakutsi du zeinen zintzoa, ekintzailea eta pertsona ona den. 1995ean Ugandara joan ginen Ardanbera fanfarrearekin bildutako dirua eramatera eta han kontzertu batzuk egitera. 2009an eta 2013an itzuli nintzen eta azken aldi horretan haien banda ezagutu nuen. Berehala hasi nintzen proiektua prestatzen eta horretan Burlata eta Atarrabiako Hilarion Eslava Musika eskolan asko, izugarri lagundu didate. Eta horrela sortu zen Arua Elkartasuna GKEa eta Vura Music Project.
Zer egin duzue lehen urte honetan?
Lehenbiziko urte honetako helburua zen testuingurua, haien beharrak eta nahiak ezagutzea. Irakasle talde bat osatu dugu. Zortzi hilabete kostatu zaigu, baina lortu dugu. Lehen Hezkuntzako 32 irakasle 16 eskolatik. Horietatik erdia baino gehiago egunero etortzen ziren eta garaiz. Hori baloratu behar dugu. Azterketak egin ditugu eta emaitza ere oso positiboa izan da. Orain haien interesa eta gogoa ikusita, aurrera segitzeko moduan gaudela esan daiteke.
Irakasleen irakasle aritzen zara, beraz?
Ikasleekin zuzenean lan egiten dugu alde batetik eta irakasleekin bestetik. Haien eskola-curriculumean musika irakaskuntza ageri da, baina ez dakite nola egin. Horregatik gure helburua ez da soilik musika irakastea, musika nola irakasten den irakastea, baizik.
Hurrengo egonaldirako erronkak?
Talde honekin jarraitu, Magisteritza eskola batera eraman gure proiektua eta haurrekin segitu, aldi berean.
Orain laguntzaile bila etorri zara?
Bai, eta diru bila. Burlatako Udalak eman dit diru-languntza bat, musika banda batzuekin eta abesbatza batzuekin kontzertuak egiten ari gara eta horrela dirua ari gara biltzen poliki-poliki. Hau irekia dago, noski: norbait animatzen bada zerbait antolatzera, bikain. Bestalde hiru irakasle boluntario behar ditugu sei hilabetez Ugandan musika-lengoaia, tronpeta eta tronboia emateko. Martxoan abiatzea da asmoa. Soldatarik ez dago, baina bidaiak, mantenua, mediku zerbitzuak… Dena gure kontu lanaren truke.
Proiektu honengatik Diario de Noticias egunkariko irakurleek sari bat eman zizuten.
Bai, sariak ez zuen dirurik ematen, baina hainbeste jenderen bozak jasotzea promozio bide ona izan da. Hainbat ikastetxetan ere hitzaldiak ematen ari naiz Uganda eta proiektuari buruz. Modu transbertsalean lantzen dituzte gai hauek guztiak eta bukatzeko ni joaten naiz. Hor mezua da lan gogorra egitearen garrantzia eta denok modu batez edo bestez zerbait egin dezakegula laguntzeko. Nik ez dut laguntza soilik eskatzen. Nik nahi dut hau dena henen zuen eskolan landu dadila.
Ugandako onena eta txarrena?
Onena natura eta han duten denbora kudeatzeko era. Urduri jartzeko modukoa da guretzat, baina interesgarria. Lasaitasun eta malgutasun handia dute. Ez dira erlojuarekin estresatuta bizi. Orain kosta egiten zait hemengo erritmora moldatzea. Mantso ibiltzea ere beharrezkoa da, epe luzera beroa oso gogorra delako. Lo kuluxkarik egiten ez baduzu, adibidez, nabaritzen duzu nola bukatzen zaizun energia. Eta gutxien gustatzen zaidana ba antzeko zerbait. Arduragabekeria moduko hori. Bestalde han ere ustelkeria handia dago, kasik hemen bezainbeste, baina han diru gutxiago dagoenez, diru-laguntza bat desagertuz gero ondorioa oso latza izan daiteke, adibidez eskola bat edo osasun etxe bat desagertzea edo ez sortzea. Eta ez dute erreakzionatzen. Moyon jendea bizi da eta kito. Daukatenarekin konformatzen dira. Ekimena eta ideiak falta zaizkie. Gerra ondoko animorik gabeko jendea da. Horregatik dira hain beharrezkoak hau bezalako ekimenak. Zertarako? Musika irakasteko soilik? Ez. Musikaren bidez Ugandako gerra ondoko komunitatea berpiztu nahi dugu, baliabideak emanez gogoa berpiztu, gero haiek nahi duten bezala jarrai dezaten. | news |
argia-17e726f99aca | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/munduari-bira-72-egunean.html | Munduari bira 72 egunean | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-02-08 | Munduari bira 72 egunean
Duela 125 urte Nellie Bly kazetari estatubatuarrak Jules Verneren Phileas Fogg pertsonaia ezaguna emulatu nahi izan zuen, munduari 80 egunean bira osoa eginez. Fikziozko balentria berdindu ez ezik, hobetu egin zuen: 1890eko urtarrilaren 25ean itzuli zen New Yorkera, eta Foggek baino zazpi egun gutxiago behar izan zituen planeta inguratzeko.
Ez zen hura izan Elizabeth Cochraneren –hori zuen benetako izena– lorpen bakarra. Besteak beste, 1887an, eritasun mental bat zuela itxuratuz, erietxe psikiatriko batean sar zezaten lortu zuen. Hamar egunean erietxeko baldintza onartezinak sufritu ondoren, New York World egunkarian salatu zuen bizi izandakoa. Kasua epaitegietara iritsi zen, eta erietxeko baldintzak hobetzea erabaki zutenean kazetariaren gomendioak aintzat hartu zituzten. Munduari bira eman baino lehen, gaixo batzuen egoera iraultzea lortu zuen behintzat. | news |
argia-386ceca63df8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/gernikara-eskinosoa.html | Gernikara? Eskinosoa | Jakoba Errekondo | 2015-02-08 | Gernikara? Eskinosoa
Basoa janaria sortzeko eta metatzeko kaos oparoa dela nioen aurrekoan . Eta kaos horretan harrapari iaioenak nagusi. Belearen familiako korbidoak ez dira harrapariak, baina ez dira atzean geratzen... Belabeltza, bele txikia, erroia, belatxingak, mika, eskinosoa... Azken hori da basoarekin lotura estuena duena. Baso mugako arbolak ederki miatu eta fruituak onenetik onenera jaten ditu: gerezi, udare, aran, eta abar. Hala ere bere buila eta zalapartak ederrak dira. Eta lumaje urdina erakusten duen hegaldi zakarra, zer esanik ez!
Eskinosoa basoko langile porrokatuenetakoa da. Bazka aukera zabala du, denetik jaten du: masusta, otsalizar koxkor, saguzar, har, beldar, intsektu, txori (kaskabeltz, hormatxori...), habietako arrautza... Habietako lapurra ezizenez ezagutzen dute basoan, harrapari fama du: txinboen habia batetik di-dako batean hiru arrautza eraman ditzake. Basoarekin mugante diren artasailetan ere jankada galantak egiten ditu.
Beste bat da, ordea, bere lan nagusia: basoa ereitea. Hurrak, gaztainak, pagatxak, pinaziak, ezkurrak denetatik bildu eta barreiatzen ditu. Gehien atsegin duena ezkurra da, haritz kantudunaren ezkurra (Quercus robur). Gozamena hartzen du jasoko dituen ezkurrak hautatzen: kalitatea, tamaina, heldutasuna, pisua eta, batez ere, apopilorik ez dezala izan, berak baino lehenago jango duen harrik ez dezala izan, alegia. Bai, neguan jateko biltegitan pilatu eta jasotzen ditu. Mokopean hiruzpalau ezkur eramateko adinako zakuto antzeko bat du. Ezkutatu goroldioan, sustrai artean, enborretan edo orbelpean. Memoria bikaina du, atzera bilaketa erraztuko dioten erreferentziak zorrotz behatu eta memorizatzen ditu. Behar izanez gero, bilaketa erraztuko dioten seinaleak jartzen ditu, harritxoak eta abar. Neguan eta udaberrian jan eta jan, baita ernatuta gero ere... Eta mordo batek ernatu eta zuhaitza izateko bideari ekingo diote. Basoa biziberritzeko gero eta gehiagotan hartzen da kontuan eskinosoa.
Gernikara? Korbidoak, eskinosoak! Etxean bezala sentituko dira eta laster letorke arbola eta hariztia. | news |
argia-5907815ae5d1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/anita-lopepe.html | "Helburu bakarrerantz abiatu nahi dugu, erritmo ezberdinetan" | Mikel Asurmendi | 2015-02-08 | "Helburu bakarrerantz abiatu nahi dugu, erritmo ezberdinetan"
Larzabale, 1975. Euskal filologoa. Irakaslea. EH Baiko eleduna. Martxoko departamenduetako bozetan hautagaia Amikuze eskualdean. EH Bilduk eta EH Baik Euskal Bidea aurkeztu zuten –Irungo FICOBA erakustazoka– egunaren bezperan elkarrizketatu genuen Donibane Garazin.
Hiru urte dira ETAk jarduera armatua betiko utzi zuela. Ondoren, besteak beste, Baionako Adierazpena azpimarratua izan da bake eta bizikidetzaren bidean. Zer iritzi duzu lortutakoaz?
Ipar Euskal Herrian hainbat gauza lortu dira, Hegoaldean ere bai, baina oro har, oraindik ez da lortu Espainiako eta Frantziako estatuen jarrerak aldatzea. Hala ere, behin eta berriz esanagatik, batetik, badago aldebakarreko ekimen bat, urratsak ematen ari dena, eta bestetik, intrantsigentzia izugarria duen aldea. Hasieratik bagenekien gure urratsek ez zutela bi estatuen jarrera aldatuko. Alta, guk gure bidean sakontzen badugu estatuen aldaketa etorriko da. Baionako adierazpena edo hitzarmena adibide bat da, agian ez zaio duen inportantziaren araberako oihartzunik eman, ez Euskal Herrian, eta hemendik kanpo are gutxiago.
Zertan funtsatzen da Baionako hitzarmenaren balioa?
Hasteko, ibilbide orria Frantziako Estatuari begira egina izatean: orokorra eta zehatza da. Orokorra: gatazkaren ondorioei buruzko neurriak planteatzen baititu, eta aipu egiten diolako gatazkaren funtsari eta ezagutza instituzionalaren ezari. Hori funtsezkoa da gatazka konpondu ahal izateko. Zehatza da, adibidez, presoen gaiari dagokionez, beraien eskubideak eta birgizarteratzeari buruz eman beharreko urratsak puntuz puntu idatziak direlako. Halaber, kontuan hartu behar dira hitzarmenaren izenpetzaileak. Nahiz beren izenean sinatua izan, ez beren alderdien izenean, adierazpenak Ipar Euskal Herriko eremu politikoa zedarritzen du.
Alta, zein neurrian ez da politikari horiek mugitzeko duten beharrarengatik. Hots, gauza bat da sinatzaile horien nahia eta beste bat sostengatzen dituzten herritarren inplikazioa.
Hori horrela ulertuta ere, nik ez diot garrantzirik kentzen. Max Brisson edota Jean-René Etchegarayk Hitzarmenaren terminoetan jendarteari hitz egitea urrats izugarria da. Hain ziur, ez dute beren boz-emaile guztien nahia agertuko, baina hartu duten engaiamenduarekin gatazkaren dimentsioa beste eremu batera eraman dute. Izan ere, jendartearen parte-hartze handiagoa behar da, populazioak bere egitea gatazka konpontzeko beharra. Hau da, gatazka konpondu beharra ez da abertzaleen arazoa soilik, gaiak haiek ere hunkitzea lortu behar dugu. Hitzarmenak estatuari neurri zehatzak eskatzeaz gainera, arazoa ez dela abertzaleen eta estatuaren arteko auzi soila agertzen du. Euskal Herriak marko politiko bat behar duela dio ere bai. Horixe bere bertutetako bat.
Intza Oxandabaratzen aldeko manifestazioa izan da Donibane Garazin. Ez dadin espetxeratua eskatu dute ehunka herritarrek.
Hau da, antolatzaileek gatazkaren konponbidean posizionatzeko deitu dituzte hautetsiak, hori izan da mobilizazioaren ezaugarrietako bat. Herritar baten alde agertu dira neurri errepresiboak salatuz. Manifestazioa jendearengana heltzeko xedez egin da bereziki. Garazin eta bi auzo eskualdeetako 230 hautetsik galdatu dute Intza Oxandabaratz preso ez sartzea. Hautetsien mozioen bidez aldaketa sortzen ari dela ikusten da. Populuak aldaketa nahi du. Manifestazioa Baionako hitzarmenaren espirituari lotua izan da.
Frantziako eskualdeak 22 dira eta 13 izanen heldu den urtean. Zer balorazio egiten duzu mapa berriaz?
Estatuak eskualdeen erreformari deszentralizazioa deitzen dio, eta guretzat birzentralizazioa da. Eskualdeen karta berria ikusi besterik ez dago. Anartean, guk zer instituzio daukagu? Herriko Etxeak eta Herri Elkargo zenbait. Biarnesak eta gu nahasten dituen departamendua dago. Gogoeta premia handia dago eta galderak asko betiere: Euskal Herriko 280.000 biztanleak nola bildu pisua izateko makro-eskualde horretan? Nola antolatu eguneroko beharrei erantzuteko eta dauzkagun proiektuak Euskal Herrian aitzina eramateko? Barnealdeko edo euskal landetako 50.000 biztanleek zer eragin izanen dute makro egituraketa horretan? Euskal Herrian alta, hamarkadak dira hasi genuela euskal instituzioa eskatzen, euskal herritarren helburua argia da. Hala ere, kasu, estatuak egindako proposamenetan bide biziki bihurgunetsuak daude. Gakoa da bide horietan gu ez galtzea.
Lurralde Elkargoa izan da abertzaleen eskaera urteotan. Berriki, Herri Elkargoa aukera aurreikusi da, prefetak proposatua hain zuzen ere.
Mehatxua handitzen doa azken urteetan. Euskal Herriak premiazko erantzuna behar du. Konpetentzia nahiko ukanen dituen egitura behar dugu, lurraldetasuna behin betikoz blindatuko duena.
Horiek horrela, zein da EH Baik azken unean aukera instituzionalari buruz duen jarrera.
Guretzat oinarrizkoak diren irizpideen arabera heldu diren proposamenak aztertu ditugu. Hauek dira gure baldintzak: instituzioak eskuduntza nahiko izatea, Euskal Herriko lurraldetasuna errespetatzea, herri ordezkariak hautaketa zuzenaren bidez egitea, itsasaldea eta barnealdea kohesionatuak izatea, eta egitura hori ebolutiboa izatea. Une honetan, aukerak ez datoz Euskal Herriaren eta Frantziaren arteko negoziaketatik, momentuan baldintzak ez dira ematen. Jean-Marc Ayrault lehen ministro zenak Lurralde Kolektibitateari ezezko borobila eman zion. Hemen eskaera adostua badago, baina Frantziako Gobernuak uko egin dio. Beraz, horren zain egon gabe, guhaurrek egin dezakeguna landu behar dugu.
Zer eta nola egin?
EH Baik –eta Baterak berriki– Herri Elkargoaren proposamenaren aldeko jarrera hartu du. Betiere oroitaraziz gure helburua zein den. Prefetak proposatutako instituzio berriaren aurrean onargarria dena adierazi dugu: instituzioa dena delakoa izanda ere, zein diren bete behar dituen gutxienekoak eta non diren marra gorriak. Gure bidea ez baita gelditzen Lurralde Elkargoan ez Herri Elkargoan, guretzat, abertzale gisa, bideak segitzen du. Ondoren Autonomia Estatutua eta Euskal Herriaren burujabetza lortzea ditugu xede. Urte bukaera bitartean Herriko Etxe guztietan izanen diren eztabaidetako lehen gaia hori da EH Bairentzat. Prefetak ezarri dituen hipotesi ezberdinen aurrean, herritarrek parte-hartzea eta ahalik eta gehiena erdiestea espero dugu. Lortuko dugun instituzioa dena dela ere.
Baikor erranik: euskal instituzioa eta lurralde markoa lortuko dira bi urteren buruan?
Lortuko dira baldin eta Ipar Euskal Herriko kontseiluek hala erabakitzen badute. Aldaketa hor dago. Bi bide daude: Estatuari galdetzea eta bere menpe egotea, edo bertan egiten dugun apustuari heltzea, hau da, legeak ematen dituen aukera hertsien baitan, bertako hautetsiek erabakia hartzea. 2016rako Herriko Kontseiluek Herri Elkargo bat nahi dutela berresten badute, bi urte barne izanen dugu egitura hori.
EH Bai koalizioa izatetik mugimendu izatera pasa da.
Orain arte hiru alderdi politikok osatu dute EH Bai (AB, Sortu, EA), batez ere hauteskundeetan aurkezteko. Koalizioan aritzeak EH Bairen izenean hartutako erabakiak hiru alderdi politiko horien izenean hartzea ekarri du. Azken urteetan, hauteskundeez harago joateko akordio estrategiko bat landu dugu. Gero, alderdiz kanpo dauden beste sektoreekin amankomunean aritzeko urratsa eman dugu. Emandako urratsekin, koaliziotik mugimendura iragan gara, alderdi politikoek erabakiak hartu ordez, ezkertiar eta abertzale direnek ere erabakiak hartu ahal izateko.
Eta zer pisu dute mugimenduan alderdiko kideak ez diren ildokoek?
Ez da planteatzen ildo bidezko mugimendua. EH Bai berritua osatua izanen da tokiko taldeen bitartez, zuzendaritza osatua da tokiko taldeen ordezkariekin. Aldaketa hori da, handia.
EH Bai aldatzen da funtsean?
EH Bai berrituan oinarri ideologiko eta politikoak berretsi dira. Funtsean ez da aldatzen, ez da proiektu politiko berria, ez dugu politika ezberdina defendatuko. Ezkertiar mugimenduko pertsona gehienak ez dira hiru alderdi horietan afiliatuak izan, alabaina, EH Bairen eragin handiena bozetan izan da. Nolabaiteko inkoherentzia bazen hala ere, zeren eta ezkertiar abertzale eremu osoa ordezkatua izan arren, hiru alderdi politiko nagusiek kudeatua izan da, orduan inkoherentzia horren aitzinean prozesua garatu dugu EH Bai berritu ahal izateko. Oraingo aldaketa handiena izaeran dago, mugimenduaren antolaketan eta ibilmoldean eragingo duena. Ibilmolde berriarekin eskualde guztietan egituraketa berria eratzea nahi dugu, erabakiak hartzeko molde berri bat, orain arteko oinarri politikoak berretsita noski.
Departamenduetarako bozak dira martxoan. Azkenak ote?
Azkenak... Ez da aise hori erantzutea. Harrigarria bada ere, ez dakigu. Hori da gobernu sozialistaren (PS) ibilmolde politikoaren ondorioa. Nahasketa bat. Erreforma alimalea omen da martxan, baina ez dakigu noiz bukatuko den. Hauteskundeak heldu dira: Kontseilu Nagusiak hautatu behar dira, departamendurakoak, baina ez dakigu kontseilariak zein eperako izanen diren hautatuak. Demagun, departamenduak ez direla guztiz desagertzen. Beren eskumenez hustuak izanen al dira? Ez dakigu. NOTRe lege proiektuaren arabera (Errepublikaren Lurralde Antolaketa Berria) egitura berriek zer konpetentzia izanen duten ere ez dakigu.
Edonola ere, bozak esanguratsuak izanen dira EH Bairentzat?
Kontseilu Nagusiak desagertuko direla diote, salbu (Lobby ikaragarria egiten ari dira hautetsi batzuk) baserri eremuetan. Orduan, Pirinio Atlantikoetako departamendua egon liteke, bere izenarekin. Baina, ez dakigu. Alabaina, aldatu dena bozkatzeko eremua da. 12 kantonamendu dira Euskal Herrian eta lehen aldiz, bozak batera izanen dira. Horrek EH Bairen pisua erakutsiko du. Areago, maiatzean Hego Euskal Herrian hauteskundeak izanen direla kontuan hartzen badugu, abertzale ezkertiarren pisua agertuko da garai bertsuan Euskal Herri osoan.
Zein testuinguruan kokatu behar dugu Euskal Bidearen aurkezpena?
Testuinguruak, batez ere, Europan erabakitzeko eskubideen inguruan izan diren bi gertakari inportanteek ezarri dute: bat Eskoziakoa da eta Kataluniakoa bestea. Bi lurralde horietan izan diren gertakariek autodeterminazio eskubidearen aldera haize berria ekarri dute. Biak dira eredugarriak guretzat, bai Eskozian gauzatu den erreferenduma egiteko lana, bai Katalunian eramaten ari den prozesua. Alabaina, Euskal Herria ez da Katalunia ez Eskozia, beraz, Irunen azaldutako proposamenaren helburuetako bat prozesua garatzeko gure bidea aurkeztea izan da. Proposamena Euskal Bidea egitasmoan bildua dago, autodeterminaziorantz doan bidea da, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko behar ditugun urratsak daude, baita bidea lantzeko moldeak ere.
Berritasuna zertan datza?
Erabaki batean oinarritzen da funtsean: Euskal Herriaren barne aniztasuna ikusita, errealitate administratibo desberdinak daude, errealitate sozio-ekonomiko ezberdinak ere hein batean; bada, gure asmoa helburu bakarrerantz abiatzea da erritmo ezberdinetan, urrats berezituak emanez. Zentzu horretan, kontsultak ere ezberdinak lirateke eremu ezberdinetan. Horiek dira ezberdintasunak, hau da, onartzea herritar guztiek erabakitzeko eskubidea dutela, baina bide horretan etapa ezberdinak izanen direla jabetzea, prozesu berezituak hiru eremuetan.
Hiru errealitate horiek elkarrengandik urrunxeago daude, demagun, duela 20 urte baino?
Niretzat hurbilago daude: jendea gehiago mugitzen da, gazteek aise harreman truke gehiago dute hiru lurraldeetan, eta gero, ekonomiari dagokionez, askok eta askok, abertzaleez haratagoek ere, ulertu dute aise aukera gehiago daudela Iparraldeak eta Hegoaldeak harremanak batera garatzen badituzte. Halaber, politikan, nahiz eta bide gogorra eta korapilatsua bizi izan dugun, nolabaiteko esperientzia bizi izan dugu bi aldeetako herritarren artean, Iparraldeak eta Hegoaldeak bide egin dugu neurri batean. Euskal Bidea proposamenarekin heldutasun batera iritsi garela erakutsi dugu. Adibidez, ez da tabu erratea Euskal Herrian errealitate ezberdinak daudela, ez da ukatzen, ordea, denak euskaldunak garela. Abiapuntua hori izanik, euskaldun soilik sentitzen garenok gure nazio eskubideak ezagutuak izatea nahi dugu euskaldun gisara. Hots, Euskal Herrian errealitate ezberdinak daudela jakitun, horren araberako bide bat proposatu dugu. | news |
argia-412d22bbf686 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/werther-totala.html | Werther totala | Montserrat Auzmendi del Solar | 2015-02-08 | Werther totala
Jules Massenet-en Werther
OLBE. Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Michel Plasson. Gaudeamus Korala. Zuzendaria: Julia Foruria. Bakarlariak: Roberto Alagna (tenorea), Elena Zhidkova (mezzoa), Elena de la Merced (sopranoa), Manuel Lanza (baritonoa). Eszena Zuzendaria: David Alagna. Lekua: Euskalduna Jauregia. Data: urtarrilaren 17a.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Aitortu behar dut Werther dela nire opera kuttuna, edo kuttunetako bat. Beharbada Jules Massenet-en partitura benetan elegantea eta inguratzailea delako, edo halako drama erromantikoak gustukoak ditudalako. Horrez gain, opera hau txikitan ikusi nuen lehenengoa da, ikaragarri gustatu zitzaidan une horretan, eta inpronta bereziren bat utziko zidan, dudarik gabe. Aldi honetan, OLBEk eskainitako produkzioak, Teatro Regio di Torinokoak ez zidan huts egin. Eszenaratze klasikoa, errealista, argia eta koloreak oso ondo aukeratuak eszena bakoitzaren giroa islatzeko, eta, inportanteena, ahots ederrak.
Roberto Alagna tenore frantziarrak ondo merezia du bere ospea. Nortasun handia du eta artista honen aurrean ez dago epelkeriarik: edo maitatzen duzu edo kontrakoa. Niri asko gustatzen zait. Ahots naturala du, erraz-erraz ateratzen diren horietako bat, garbia eta argitsua, opari bat. Eta taula gainean eskarmentu handiko aktoreak bezala mugitzen da, aisetasun eta indarrez. Agian, Werther gaixoaren rola egiteko indar gehiegi, arima delikatuzko pertsonaia baita. Alderdi horretan ezin dugu ahaztu Alfredo Kraus-en bertsioa, hain erromantikoa, zentzu onenean. Hala ere, Alagnaren kantu freskoak desegokitasun horiek estaltzen ditu.
Ikuskizun biribila disfrutatu genuen. Elena Zhidkova mezzoak Charlotte ederra egin zuen, eta Elena de la Merced sopranoak txalo handiak jaso zituen Sophie dotore eta ondo interpretatua eginez. Manuel Lanza baritonoa Albert konbentzigarria eta zertxobait diskretua iruditu zitzaigun. Orokorrean interprete-talde sendo baten aurrean aurkitu ginen. Aipamen berezia merezi du Jon Plazaola tenore donostiarrak, beti bezala eraginkortasunez aritu baitzen.
Nabarmentzekoa da, halere, alderdi eszenikoa, oso klasikoa, baina ez neutroa. Itxuraz dekadenteak ziren elementuekin oso atmosfera iradokitzaileak lortu zituen David Alagna (Robertoren anaia) eszena zuzendariak. Bikaina.
Eta amaitzeko, ezin dugu ahaztu Bilbao Orkestra Sinfonikoaren lana, Michel Plasson maisuaren batutapean, oso egokia uneoro. | news |
argia-eae7c47bbae3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/asto-metafisikoak.html | Asto metafisikoak | Joxerra Garzia | 2015-02-08 | Asto metafisikoak
Aztarnategi arkeologiko kozkor bat baino ez da gaur egun Abdera, baina Greziaren urrezko aroan, duela bi mila urte eta erdi inguru, hiri ospetsua izan zen. Traziako eskualdearen hegoaldean kokatua, Egeo itsasoaren ertzean, besteak beste bi filosofo handi ageri dira bertan jaiotako ilustreen artean: Demokrito eta haren ikasle Protagoras, biak ere Sokratesen garaikideak, hor nonbait.
Baina alemanez norbaitek "abderatarra" zarela esaten badizu, ez pentsa filosofiako izartzat zaituenik, "memelo" edo "ergel" denari esaten baitzaio orain alemanez "abderatar". 1774ko nobela luze eta bere garaian ospetsu bati "zor" dio hitzak irain kutsuko adiera. Christoph Martin Wieland du egileak grazia, eta nobelaren titulua, euskaraz, Abderatarren Kondairak litzateke ( Geschichten der Abderiten ).
Agintariak abderitarrak izanik, ezdeus batengatik gerra zibila piztu eta herrialdea nola suntsitu zen kontatzen du nobelak, ironia eta satiraren arteko erregistroan. Lehen atalean agertzen da gerora Abderaren deskalabrua eragingo duen pasadizo ezdeusa.
Abderako eskualde zabalean dentista bakarra da Struthion. Herri ugari dago inguruan, eta herri bakoitzak azoka nagusi bana antolatzen du urtean behin. Azoka non, hantxe agertuko zen gure gizonkoa, hortzetako hauts eta tinduak ez ezik bestelako sendagai mirarizko mordoa ere bere asteme preziatuan kargatuta.
Orduko hartan, ordea, abiatzeko bezperan astemeak kumea egin, eta garraiobiderik ez zuela geratu zen Struthion. Beste asto bat alokatu behar izan zuen, beraz, eta tratuan adostu asto-jabea bidaide izango zuela, astozain. Udamina zen, eta gure dentista larri zihoan, asto gainean, itobehar batean. Ikusterrean ez zuhaitzik ez itzal egin zezakeen beste ezer ageri zenez, geratu, astotik jaitsi eta astoaren itzalean etzan zen Struthion. Etzan orduko, ordea, asto-jabea kontu hartzen hasi zitzaion, tratuan astoa bakarrik sartzen zela, eta itzala aparte ordaindu beharko zuela. Alferrik saiatu zitzaion azaltzen astoa eta itzala batera doazela, astoarena ordainduta itzalarena ere kitatuta dagoela, asto-jabeak bereari eutsi baitzion, seta ernegagarrian. Auzia euren artean ezin garbiturik, Abderara itzuli eta ebazpena epaitegiaren esku uztea erabaki dute. Han, ezer erabakitzeko gauza ez den epaile xelebre bat egokitu zaie, eta liskarra gerra zibil bihurtzen da azkenean. Abderako alderdi politikoak bi fakziotan zatitzen dira: itzala astoaren baitakoa dela diotenena, bat, eta itzala eta astoa bi ente beregain direla uste dutenena, bestea.
Alemanian, duela 30 bat urte, izan nuen abderatarren kondairen berri. Geroztik ez naiz haietaz askorik oroitu, harik eta azken bolada honetako giro politikoak berriro akordura ekarri dizkidan arte. Amets (txar) batean bezala ohartu nintzen abderatarren eta gure arteko loturaz.
Lehen mundukook geuretzat nahi dugun bizimodua zen astoa, eta itzala, berriz, horrek gainerako munduetan eragiten dituen ondorioak (Nazioarteko Diru Funtsa, Charlie Hebdoren aurkako atentatua, Marine Le Pen...). Abderatarrak izatera, itzalak astoarekin zerikusirik ez dutela ziotenen bandokoak ginateke gu, dudarik gabe, baina alderantziz: itzalak kezkatzen gaitu, eta prest geundeke konponbidea ordaintzeko ere, baina ukuilu dotorean bapo bizi dugun astoa tratuan sartu gabe, beti ere.
Harira datorrena ez da Protagorasen sententzia, gure atsotitza baizik, eta ez da asto-hitza: "Itzalik gabeko zaldia nahi duena, oinez abia bedi". | news |
argia-5e8f667cf105 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/inpunitatearen-amaieraren-hasiera.html | Inpunitatearen amaieraren hasiera | Xabier Letona | 2015-02-08 | Inpunitatearen amaieraren hasiera
"Erditu zen amak ere ez du ezagutuko kutxa hau" aipatu omen zuen Enrique Goñik 2002an CAN zuzentzera heldu zenean. Orduan Miguel Sanz zen Nafarroako Gobernuko lehendakari eta baita CANeko administrazio kontseiluko lehendakari ere; berak ekarri zuen Goñi, zortzi urtez Nafarroako gizon boteretsuenetakoa izan zena. Yolanda Barcina ere giltzarri izan da prozesu honetan, Iruñeko alkate izendatu ondoren CANeko kontrol batzordearen burua izan zelako eta Gobernuko lehendakaritzara iritsi zenean, administrazio kontseiluko lehendakari. Haiekin desagertu zen Nafarroako Kutxa.
Desagertu ez, esan zuen Goñik Legebiltzarrean egindako agerraldian, baina gaur egun Caixabankeko akzioen %1 besterik ez da. Caixabankek 2012an Banca Cívica erosi zuenean –talde horren barruan zegoen CAN Caja Burgos, Caja Canarias eta Caja Solekin batera– bere balioa 200-300 milioi euro artekoa zen. 2010ean CANek 1.300 milioitan baloratzen zuen bere burua, baina 2012an Banca Cívicaren baitan boterea banatzeko egindako auditoria batek 408 milioi euroko balioa eman zion. Eta azkenean 200-300 milioi eurotan saldu zen. Gaur egun Caixabanken dituen %1eko akzio multzo horren ekintza soziala bideratzen duen banku fundazioa da. Banca Cívicarekin bat egin aurretik Nafarroako aurrezkien %50 biltzen zuen. "Finantza erakunde moduan existitzen duela esatea eufemismo hutsa da", erantzun zuen Lorenzo Riezuk, Goñiren aurretik CANeko zuzendari izan zenak.
Ez dela desagertu, kutxaren egoera bizi izan den finantza tsunamiaren ondorio dela defenditzen dute CANeko arduradun ohiek eta UPNk. Haren azken 10 urteetako kudeaketan, ordea, handikeria, ustelkeria eta kudeaketa txarraren zantzu gehiegi pilatzen dira, neurri sinesgaitzetara iristeraino.
2003-AN CANek 240 bulego zituen eta 2010ean 510. Bulego zabalkunde zoroari ekin zion Enrique Goñik eta prozesu horretan gutxienez 400 bat milioi euro inbertitu zirela diote ikerketek. Nafarroan, EAEn, Espainian eta atzerrian zabaldu ziren bulego horiek. Kasurik berezienetakoa AEBeko Washingtongo bulegoa izan zen, milioiak inbertitu ziren berau zabaltzeko eta azkenean ez zuen lortu AEBeko banku agintaritzaren jarduteko baimenik ere.
CANek parte hartzen zuen enpresetako kudeaketan ere milioi euro asko galdu ziren. Goñi zuzendaritzara iritsi ondoren 300 bat aurrejubilazio gauzatu ziren –180 milioi euroko kostuarekin–, baina 1.000 bat kontratazio berri egin ziren. Politikari eta zuzendaritza karguetan milioika euro xahutu ziren dieta, opari eta soldata itzeletan. Espainiako Auzitegi Nazionala oraindik ikertzen ari da Goñi bera eta Miguel Sanzen ondasunak. Goñik 8 urtetan 10,15 milioi euro kobratu zituen soldatetan eta beste 2 milioi euro pentsio funts batean... 2002-2012ko epean CANen izandako eskandaluen zerrenda amaigabea da.
Hori guztia ikertu behar du orain Nafarroako Legebiltzarreko ikerketa batzordeak. Martxoaren erdira arte du horretarako epea eta akaso hil horren bukaera arte luzatuko da bere lana. Lehenik talde parlamentarioek eskatutako txosten mendia aztertu beharko du eta ondoren CANeko agintari eta arduradunen agerpen desfilea izango da. Nekez pentsa daiteke ikerketa denbora honetan dena argitu daitekeenik eta horregatik, logikoena litzateke hurrengo legealdian ere Legebiltzarrak ikerketarekin jarraitzea. Maiatzeko foru hauteskundeetarako emaitzek erabakiko dute hori posible den ala ez.
Ikerketaren zati handi bat, dena den, egina dago dagoeneko eta publikoa da, 2013an Kontuz elkartearen salaketa eta ikerketetan oinarritutako El Banquete liburuan argitaratua dago. Horkoak dira artikulu honetan argitaratutako datu gehienak. Alberto Gil, Aritz Intxusta eta Patxi Zamora dira ikerketa erraldoiaren egileak. Salaketa horietan oinarritu zen Mari Paz Benito epailea CANeko dieten afera ikertzerakoan. Oraingo saioan Nafarroako Legebiltzarrak hor agertzen den laurdena demostratzea lortuko balu itzela litzateke. Ez du samurra izango. Sikiera Nafarroako gizartearen aurrean CANen desagerpenean UPNk duen erantzukizun politikoa argi geratuko balitz... Inpunitatearen amaieraren hasiera litzateke. | news |
argia-89d5a2d4a74b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/bakarka-aritzeko-garaia.html | Bakarka aritzeko garaia | Myriam Garzia | 2015-02-08 | Bakarka aritzeko garaia
Mikel Urdangarin
Zer : 2015 Bakarkako bira. Hurrengo kontzertuak : Getxo (otsailak 8), Heleta (otsailak 13), Irun (otsailak 14), Lizarra (otsailak 15), Zumaia (otsailak 20), Durango (otsailak 21), Donostia (otsailak 22), Madril (otsailak 27).
-------------------------------------------------------------
Bilboko Arriaga antzokian aurkeztu du Mikel Urdangarinek hurrengo lau hilabeteetan egingo duen bakarkako bira. Hamazazpi urte daramatza zornotzarrak oholtza gainean, eta "parentesi" horretako bi abesti jo zituen bertan, ibilbide horren bi muturrak lotu nahian: konposatu zuen lehen kanta, Bazkalosteko Kafea (Haitzetan, 1997) eta egindako azken lanetik (Jainko Txiki eta Jostalari hura) hartutako Herri Zaharra. "Kantu bat eta bestea lotzen duen parentesi horretan beti jo izan dut lagunduta. Eta lehenengoz bizitzan taula gainean bakarrik jo nahi dut", adierazi du Urdangarinek.
"Bira hau egin daitekeen birarik berriena eta erronkarik handiena" dela uste du abeslariak. Euskal Herrian barna eramango duen 21 kontzertuko tour-arekin Urdangarinek publikoaren gertutasuna bilatzen du. Antzokiez gain, museo ugaritan ariko da bakarka, Irungo Oiasson adibidez; baita kafe antzoki eta kultur etxeetan ere. "Lan askorekin" ibiliko dela azaldu du, "bi eta hiru kontzertuetako asteburuak etorriko zaizkit eta".
Biluztasuna da helburua: "Kantuak sortzez diren modukoak aurkeztu nahi ditut, jaiotzen diren era horretan". Etxeko sukaldean bakarrik sortzen ditu Urdangarinek abestiak, gitarrarekin. "Hori erakutsi nahi dizuet, etxeko sukaldeko bakardade horretako Mikel hori". Ez baxurik, ez biolinik, ez bateriarik... "Sortu ziren bezala, ahotsa eta gitarrarekin, besterik ez".
Tira, agian zertxobait bai, izan ere, urte bukaeran argitaratu nahi duen disko berriko abestiak aurkezteko ere baliatuko du kontzertu sail hau, "bukatu gabe egongo balira bezala". Eta birak aurrera egin ahala, abesti berriak sortu eta aurkeztuko ditu. "Sortze prozesu hori eta zein sorkuntza unean nagoen erakutsi nahi diot jendeari. Denbora luzez izan dut buruan ideia, baina sekulan ez naiz ausartu pausoa ematera. Orain horrelako bira bati aurre egiteko prest sentitzen dut nire burua". Bakarkako diskurtsoari eutsi nahi dio baina, zergatik orain? "Agian, gitarrarekin dudan harremana hobetu delako, lagun sentitzen dudalako, bien artean ikuskizun ona eskaini ahal dugula sentitzen dudalako".
Oraindik ez daki norekin eta nola grabatuko duen disko berria baina kontzertu guztiak grabatuko ditu: "Abestien bildumatxo bat egin nahi dugu". Hala ere, abesti berriak oso desberdinak izango dira biran eta diskoan. "Bi urte daramatzat lan berriko musika konposatzen, eta esango nuke gehiena egina dudala".
Otsailaren 8an, Getxoko Andres Isasi eskolan izango da lehen kontzertua, eta ordurako lehen abesti berria prestaturik izango du. "Ideia da, birak aurrera egin ahala, abesti berriak sortzen joatea, baina ziurtasunik gabe, musikak eta hitzak aldaketarik jasango duten aurreikusi gabe, zaila baita urtebetean aldaketarik ez izatea. Askatasun osoz jokatu nahi dut".
Era berean, abesti zaharren moldaketak entzun ahal izango dira 2015eko kontzertuetan, "taldean jotzeko pentsatuak izan diren abestiak sortzez izan diren bezala aurkeztuko ditut berriz".
Bakarka aritzean, nekea handia dela dio, baina baita satisfazioa ere. "Musikari moduan hazteko aukera handia da bira hau". | news |
argia-96e8d59da726 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/oskar-alegria.html | "Euskaldunak ere irla bat garelako piztu dugu hainbertze dokumentalgileren interesa" | Mikel Garcia Idiakez | 2015-02-08 | "Euskaldunak ere irla bat garelako piztu dugu hainbertze dokumentalgileren interesa"
Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak 9. edizioa egingo du otsailaren 10etik 15era, Iruñean. Dokumentalgintzaz, ariketa zinematografikoez, begiradaz, Ikuspunturen nondik norakoez mintzatu zaigu Oskar Alegria jaialdiko zuzendari artistikoa.
Aurtengo edizioan ikusi dituzuen lanak aintzat hartuta, joerarik ari al da nagusitzen dokumentalgintzan?
Konturatu gabe, hiru zuzendari errepikatu dira, Ikuspunturen aurreko edizioren batean egonak: Antoine Boutet, Eric Baudelaire eta Adam Gutch. Ez dugu espresuki egin, baina horrek erran nahi du aurreko arduradunen haritik ari garela eta marka ona da, ez gara hausturaren aldeko, aizkorakadaren aldeko; miresteko moduko lekuan kokatu dute festibala aitzindariek eta leku horretan ibili behar. Jorraturiko gaiei dagokionez, ez dira asko: Giorgio Agambenek erraten duenarekin erabat akort nago, munduko istorioak zazpi sailkapenetan sartzen dira eta kito. Horretan segitzen dugu gizakiok: amodioa, salaketa, barkamena... Aldatzen dena da forma, paisaia, pertsonak… baina muina funtsean betikoa da.
Zeri erreparatu diozue hautaketa prozesuan? Zuk zer eskatzen diozu dokumental bati?
Pario bat ukaitea, pentsatzen duen buru bat sentitzea atzean, eta erantzun gabeko galderak pausatzea. Festibalaren espiritua Jean Vigo dugu, espiritu independentea, bidezidorrak miatzen zituena, eta hori da gure abiapuntua eta helburua. Ezohiko dokumentalak, ausartak eta oldarkorrak bilatzen ditugu, barruak inarrosteko gauza direnak, bihotzetik edo tripetatik sortzen direnak, eta ez patrikatik.
Zein ardura du dokumentalak errealitatearekiko eta kontatzen ari denarekiko, begirada neutrorik ez dagoela jakinda?
… eta ez da nehoiz neutroa izan behar, gainera. Horixe zen preseski Jean Vigok erran nahi zuena "ikuspuntu dokumentala" erramoldea asmatu zuelarik (hortik hartu zuen festibalak bere izena). Errealitatearen potreta baino ez da dokumentala, errealitatearekin dantza egiten du. Batzuetan dokumentala da dantza horretan agintzen duena, eta bertzetan errealitatea da pausoak markatzen dituena. Egilearen presentzia zenbaterainokoa den, hor jarriko nuke nik langa, baina egilearen presentzia beti dago.
Ikuspuntun lehiatuko diren filmek gaurkotasuneko gaiak jorratu dituzte, ala gai unibertsalak dira nagusi?
Batzuk salaketa dira, oihuen modukoak, eta gaurkotasunari hortik heltzen diote. South to North , ura batetik bestera garraiatzeko proiektu txinatar alimalekoari buruz, pelikula ikaragarria da; Our terrible country filmak Siriako demonio guziak ditu gai; edota Letter to Max oso ariketa gomendagarria da, Abkhazia "nazio mamua" existitzen den ala ez planteatzen du. Beste batzuk gai unibertsalez mintzo dira: heriotzaz Before we go eta Huellas , bidaia poetikoa da El hombre congelado , Patrick Neu artista puruaren potreta egiten du Le Complexe de la Salamandre filmak… Denetarik dago. Enologoek erraiteko maneran, aurtengo sail ofiziala zapore guziak biltzeko kapable den arno preziatua da.
Film laburretako sinopsiei begira, luzeetan baino lan artistikoagoak aurkituko ditugula dirudi. Esperimentazioa saritu duzue?
Bai, badirudi distantzia motzek bestelako ariketak egiteko parada zabalagoa edo errazagoa eskaintzen dutela. Hala nola, OUT espainiarrak tenis partida bat kontatzen digu, baina tenislariak erakutsi gabe; Super Unit lanean Poloniako etxebizitza berezi bat erakusten zaigu, gelatik gelara jauzi eginez, eta hiru segundo nahikoa dira familia bat erretratatzeko; edota koloreak gure egunerokoan duen eragina aztertzen du Rainbow´s Gravity saiakerak.
Frantzia da lehiarako hautaturiko dokumentalen artean gehien errepikatzen den herrialde ekoizlea. Bereziki herrialde emankorra da dokumentalgintzan?
Sukaldaritzan erraiten da tipula mozteko ganibeta hartzen duzun mementotik, Frantziarekin zorretan zaudela. Zineman gauza bera: ez ahaztu bertako asmakizuna dela, eta menturaz ez da Frantziatik hain aise ihes egiterik zinemaz ari garenean. Antolaturiko zikloetan ere, pisuzko izen frantziarrak izanen dira: Jean Epstein, Louis Delluc, Lumière anaiak…
Orson Wellesek Euskal Herriari buruz egin zituen dokumentalak izango dituzue hizpide: Pays Basque I (The Basque Countries) eta Pays Basque II (La Pelote Basque) . Nolako Euskal Herria erakutsi zuela esango zenuke?
Paradisu baten bila etorri zen Welles jauna, eta berak baino lehenago paradisu hori aurkitu zuen familia bat topatu zuen: Wertenbaketarrak. Ziburun bizi arren, estatubatuarrak ziren. Hasiera batean, astebete pasatzera etorri ziren, baina Chris Wertenbaker gazteak (Orson Wellesen dokumentalean agertzen den 11 urteko mutikoa, pelikulan gida lanak egiten dituena) kontatu zidanez, behin Ziburuko aldapan korrika lurrera erori eta bizilagun batek (Pepita Telleriak) belauneko zauria mimoz sendatu ostean etxera eraman zuen; eta Chrisen amak halaxe erran zion senarrari: "Hemengo jendea jende gisakoa da, hemen geratuko gara bizitzera", eta zazpi urte eman zituzten Ziburun. Chris Wertenbaker gure kostaldean koskortu zen eta gida ezin hobea izan zen zuzendari estatubatuarrarentzat, joko garbiaz, euskal dantzez edota euskarari buruz aritzeko. Hemen izango dugu, festibalaren irekieran.
Ipar Euskal Herrian filmatu duten beste hainbat zinemagileren lanak ere emango dituzue. Zer azpimarratu dute batik bat, bada elementu komunik?
Zinezko altxorrak dira. Pentsa, munduko zein txokotan izan dira hainbertze taxuzko zinemagile kultura baten potreta egiteko edo paisaia bat harrapatzeko asmoz? Ez zait bertzerik bururatzen. Areago, zinemaren historia guzia gure txokoetatik atera gabe segi daiteke! Erraiteko, Lumière anaiak, trenaren mugimendua eta langileen irteera filmatu ostean, Miarritzera etorri ziren bertze mugimendu baten bila: olatuak. Birjinaren Arroka ondoko uhinak harrapatu zituzten. Lehenengo sonoroa, kanpoan filmatua, 1930ean izan zen eta asmakizun horretarako ere Maurice Champreux maisuak euskaldunak aukeratu zituen, herri kantaria garela-eta. Euskarazko lehen hitz filmatuak jaso zituen eta hori guztia ikusiko dugu festibalean. Louis Delluc-ek 1921ean errodaturiko film ezezaguna ere aipatu nahiko nuke, benetako harribitxia: zoko-moko guziak miatu ondoren, Azkaineko itsasoari beha dauden mendi mazelak aukeratu zituen filmerako, munduko argirik ederrena hortxe zegoela iritzita.
Hiru atzera-begirako antolatu dituzue: Margaret Tait zinemagile eskoziarrari eskainitakoa, irlak protagonista dituzten dokumentalen ingurukoa, eta zinematografiak dituen mugez gogoetatzen duen Isidoro Valcárcel-en La celosía lanari buruzkoa.
Azken finean denek irlak dituzte oinarri, baita guri buruzko dokumentalek ere, euskaldunak irla bat izan garelako eta garelako, eta horrexegatik piztu dugu eta pizten dugu hainbertze dokumentalgileren interesa. Margaret Tait Orkada uharteetako batean [Eskoziaren ipar-ekialdean] sortu zen eta irla horrek presentzia handia du bere filmetan; bertako Orquil errekari pelikula poetiko eta sakona eskaini zion. Atzera-begirako horren osagarri, hemezortzi filmetan hogeita bi irla eta erdi bisitatzeko aukera emango digun zikloa dugu: uharte baten mila aurpegiak erakutsi nahi ditugu, paradisua izan daitekeelako, baita artisten abaroa ere, edo presondegi krudela…
Eta Isidoro Valcárcel Medina bera bertze irla bat da, edo hobe erranda, naufrago bat. Naufragoen berrirakurketa bat proposatzen dugu, Robinson Crusoe eta [Crusoek natiboengandik askatzen duen] Ostirala pertsonaien inguruko eztabaida sortu nahi dugu: nor da garailea eta nor galtzailea? Valcárcel Medinaren kasuan, artearen naufrago peto-peto baten aitzinean gaude, arte kontzeptualaren aitzindarietako bat, inoiz artelanik saldu ez duen artista. Iruñera etorriko da 1972an hemen estreinatu zuen pelikula berriz aurkeztera.
The Darkness Collection lana emango du Ikuspuntuk. Iluntasunari buruzko 38 film laburren bilduma da, 42 zuzendariren begiradatik. Zuk gidatu duzu proiektua.
Egun batean, gurasoen herrian nire iluntasuna filmatu nuen; denok dugu iluntasun bat, eta nirea herri horretan dago. Erran nahi dut, badagoela leku bat non iluntasuna oso modu pertsonalean eta indartsuan sentitzen dugun. Bertze zinemagile batzuei ere horixe eskatzea otu zitzaidan, haien iluntasuna filmatu zezatela, ondoren bilduma bat osatzeko. Kontzeptu oso zabala da iluntasuna, uste baino gehiago, ez dago soilik gauarekin lotuta, egunez edo argia dagoenean ere badira iluntasunak. Eta bakoitzak berea darama. San Frantziskoko zinemagile batentzat, gauean arnasa hartuz gora eta behera mugitzen den zilbor bat da iluntasuna (emakume baten zilborra), zuzendari finlandiar batentzat, gaua zeharkatzen duen alimaleko kruzeroa… Arrunt polita izan da iluntasun hauek postontzian jasotzea. Munduko zoko guztietatik igorri dizkidate eta batzuetan "arina" jartzen zuen gutun-azalean… Biziki polita, ezta? Arinak diren iluntasunekin pelikula luzea osatu dut. Etenik gabe behin eta berriz emango dugu hiru orduko pelikula, Baluarteko tripetan dagoen areto ilun eta berezi batean, eta edozein unetan sartu eta irten ahalko da jendea, pelikulak ez duelako hasierarik ez amaierarik, iluntasuna da bera ere.
Itsaso Arana nafarraren John y Gena filmak itxiko du edizioa.
Ariketa zinez gomendagarria egin du Itsasok. Bere lagunak eta mutil-lagunak agertzen dira pelikulan, solasean, amodioak, misterioak eta sentipenak kontatzen eta aitortzen. Itsaso bera aretoan izango da eta pelikularen gainean zuzeneko ekintza egingo du; ez dakigu zer, beti delako ezberdina, beti ezusteko. Ikuspuntu amaitzeko aproposa iruditu zaigu, amodioaz hitz egin ostean festibalaren besta egingo dugulako denok elkarrekin! | news |
argia-66707aaa1fa9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/zapaburu-eskola.html | Haurra bere hezkuntzaren irakasle | Ainhoa Mariezkurrena Etxabe | 2015-02-08 | Haurra bere hezkuntzaren irakasle
Zer ikasten du gaurko haurrak eskolan? Kontuan hartzen al dira haurraren erritmoa eta beharrak? Momentuari eta interesari jaramonik egiten al zaie? Egokituta al daude espazioak? Galdera horien erantzunekin kezkatuta abiatu dute Zapaburu eskola proiektua, haur bakoitzak bere ezagutza garatzeko esperimentazioa eta jolasa oinarri hartuz.
Ordu batean eskolara iritsi, aulkian eseri, liburua ireki eta eduki jakin batzuk buruz ikasi ohi ditugu maiz ikastetxean, eta gero ahaztu. Horren aurrean, gero eta proiektu alternatibo gehiago sortzen ari direla adierazi digute Zapaburu eskola proiektuko kideek. Finlandian, 70eko hamarkadatik hezkuntza eredu libre eta aktiboa jarraitzen dutela gogorarazi dute eta hemen ere aurrerapausoak emateko garaia badela. Gipuzkoan gisa honetako eredu aukerarik apenas dagoela ikusita abiatu dute egitasmoa Maider Ugarte eta Maite Ruiz hezitzaileek eta seme-alabentzat bestelako hezkuntza eredua bilatzen duten Naiara Olveira eta Noemi Pascualek.
Irun (Gipuzkoa) aldean gauzatzen ari diren proiektuak emozioak eta sormena landuko ditu bereziki. Haurrak bizi duen momentua errespetatzea eta nahiei eta beharrei erantzutea dute helburu. Zapaburu eskolara joango den ikasleak, erabakitzeko ahalmena izango du momentu oro eta arrazoimenaz gain, maitasuna, errespetua eta autonomia landuko dituela baieztatu dute. Familien parte-hartzea ere garrantzitsua izango da.
Hainbat eskola dituzte eredu, herrialde ugaritakoak. Euskal Herrian, Iruñeko Tximeleta eta Taupa Taupa ikastetxeak dituzte erreferentzia. "Eredu ezberdinak ezagutu eta aurrera doazela ikusteak eman digu indarra". Proiektuaren inspirazio iturri izan da, besteak beste, Maria Montessori pedagogo eta psikiatra italiarra. Izan ere, haren eredua jarraitzen duen eskola bat ezagutu zuen Ugartek Ingalaterran eta Ruiz berriz, Montessori ereduko gida izateko Masterra ari da ikasten. Hainbat metodologia eta pedagogiarekin uztartuta, Montessoriren materiala erabiliko dute eskolan: "Zentzumenetan oinarritutako materiala da, esperientzia sentsorialen bidez ikasteko aukera emango diena, memorizatu beharrean". Manipulatzeko, esperimentatzeko eta ikertzeko materialak ere izango dituztela gaineratu dute. "Hezitzailearen eginbeharra haurra laguntzea izango da, ez irakastea. Segurtasuna eta konfiantza emango diegu egiten ari direna babesteko". Hortaz, besarkatzean, materiala zein tailerrak eskaintzean, behaketan, dokumentatzerakoan… garatuko dute haurrarenganako komunikazioa, eta jakina, baita hitz eginez ere.
Haur bakoitzaren egokitzapena aintzat hartuko denez, norberaren ama-hizkuntzak hartuko du protagonismoa plan honetan. Ahalik eta naturalen komunikatzeko, euskaraz zein gazteleraz mintzatzeko aukera emango zaio ikasleari eta hezitzaileak berdin erantzungo dio, komunikazioa "estua eta erosoa" izan dadin. "Gure ikuspuntutik, hizkuntza bat hitz egitera behartzeak ez du umeen ikasteko interesa pizten –adierazi dute–, norberaren interesetatik abiatzea da asmoa eta arlo honetan ere arrazonamendu berean oinarrituko gara". Hala ere, hezitzaileen arteko komunikazioa euskaraz izango dela jakinarazi dute eta erabiliko den materiala eta baliabideak bi hizkuntzatan eskuragarri egongo direla.
"Hezkuntzaren lehen eginbeharra bizitza astintzea da, berau aske utzita, libreki gara dadin", esan zuen Maria Montessorik. Laukotea pentsakor utzi eta sortzera eraman zituen esaldiak, heziketa libreki ulertu eta haurra libreki heztera. Horregatik, Zapaburu eskolan "aske sentituko diren esparru bat eskainiko zaie, libre eta seguru egongo diren lekua". Espazio lasaiak eta mugitzeko lekua eskaintzen dutenak prestatuko dituzte eta zabalgune bakoitza txoko bihurtu nahi dute: ur txokoa, txoko sinbolikoa, sentsoriala, hizkuntza txokoa, logiko-matematikoa, zientzia eta ikerketakoa, gizarte zientzietakoa, artistikoa, sormenarena, musika eta psikomotrizitate txokoak, lasaitasun txokoa, mugimenduzkoa…
Ia dena prest, familien esperoan
Proiektu honen sustraiak landatu dituzte jada Ugarte, Ruiz, Olveira eta Pascualek. Hasiera guztiak bezala, hauena ere ez da erraza izan. Proiektu mota honetarako diru-laguntzarik ez dagoela adierazi dute, hortaz, taldeak inbertsio handia hartu beharko du bere gain. Tailerretan, hitzaldietan, paper artean eta bilaketan pasa dituzte azken hilabeteak. Baina, hazia irten dadin, ureztatuko dituen ikasle zein gurasoak behar dituzte. Ia dena hitzartuta duten arren (eraikina esaterako), "filosofia honetan sinesten duten familiak" dituzte beharrezko baldintza, seme-alabak "giro naturalean, harmonikoan, esperimentalean eta sormenezko testuinguruan" hazi nahi dituztenak.
Webgunea zabaldu dute, sare sozialetan ere ari dira eta hitzaldiak antolatu dituzte planteamendua azaltzeko eta eskola zein bultzatzaileak ezagutzera emateko: Errenterian (12an), Irunen (19an), Beran (martxoaren 2an) eta Donostian (martxoaren 9an). n | news |
argia-51f24839bd5a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/metal-super-hidrofugoa-laster-merkatuan.html | Metal super-hidrofugoa laster merkatuan? | Joxerra Aizpurua | 2015-02-08 | Metal super-hidrofugoa laster merkatuan?
Ura aldaratzen duen edozein materiali hidrofugo esaten zaio. Naturan badaude joera hidrofugoko landareak, baina gutxi dira. Halaber, industrian, eraikuntzan... erabiltzen ditugun material gehienak, guztiak ez esatearren, ez dira hidrofugoak. Material horiekin egindako makinek eta egiturek pixkanaka euren propietateak galtzen dituzte, eta aldiro berritu behar izaten dira.
Rochesterreko Unibertsitatean (AEB) Chunlei Guok zuzendutako lantaldeak, naturan aurkitu daitezkeen landare hidrofugoak behatuz, haien ezaugarriak metaletara iragatea lortu du. Landare hidrofugoen propietate nagusia zimurtasun nanometrikoko gainazala izatea da; ezaugarri hori metal xafla txiki bati iragatea erdietsi dute. Nola? Femtosegundo-laser baten bidez metal xaflara izpiak bidaliz. Laser mota horretan, izpiaren iraupena femtosegundo batekoa da; femtosegundoaren eta segundoaren arteko erlazioa segundoaren eta 32 milioi urteren artekoaren berdina da.
Sistema horren bidez lortutako gainazal hidrofugoak abantaila handi bat du: orain arte lortutako material hidrofugoak urarekiko 70 graduko inklinazioa behar zuten beren ezaugarriak mantentzeko, eta oraingo honek bost gradukoa baino ez. | news |
argia-cbf13568608a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/greziak-demokrazia-berreskuratu-nahi-du.html | Greziak demokrazia berreskuratu nahi du | Asier Blas Mendoza | 2015-02-08 | Greziak demokrazia berreskuratu nahi du
Demokrazia ez da agintariak hautatzeko modu bat, herriaren boterea da. Soberania ez da baldintza nahikoa demokrazia eraikitzeko, baina bai beharrezkoa. Munduko hauteskunde prozesu garden eta garbienak atzean ez badu herrialde soberano bat, ez gaude demokrazia baten aurrean.
Europan estatu gehienek aspalditik galdu dute boterearen parte garrantzitsu bat Europar Batasun (EB) ez demokratikoaren alde. Errealitate horren muturreko adibidea da Grezia, bere politika sozioekonomikoak diseinatu eta martxan jartzeko autonomia gradu oso gutxi izan du, Troikak haren soberania bahitu zuenetik. Ondorio sozialak gerra baten parekoak izan dira.
Testuinguru horretan, Greziako hauteskundeetan eztabaidagai nagusia ez da ezker-eskuin ardatza izan, soberaniarena baizik. Europar Batasuneko alderdi sozialdemokrata, kontserbadore, liberal eta berde gehienak politika publikoetan eta ideologian konbergentziarako norabide batean barneratu dira azkeneko hiru hamarkadetan, horrela politikoki egokia dena eta ez dena definitu dute. Kasuan kasuko ñabardurekin, ideologia eta praxia zentro aurrerakoia bezala defini genezake: giza eskubideen eta adierazpen askatasunaren defentsa sasi-unibertsala (etsaientzat ukatua); emakumeen eskubideen defentsa kosmetikoa; gutxiengo sexualen eskubideen defentsa; arrazakeriaren kontrako jarrera estetiko antzua; eta demokrazia metodologia bezala identifikatzea (soberaniaz hustua), horregatik, zentro aurrerakoi honek nazioarteko harremanetan Amerikako Estatu Batuen (AEB) inperialismoa sustatzen du eta ekonomian neoliberalismoa metabolizatu du (batzuk konbentzituak daudelako eta besteek alternatibarik ez dagoela konbentzitu nahi gaituztelako).
Europar Batasunean inposatu nahi izan duten pentsamendu bakar horri aurre egiteko alternatibak eskuin muturreko alderdietatik etorri dira nagusiki, eztabaidaren zentroan soberania jarriz. Bitartean, burgesturiko ezkerrak, egokitasun politikoaren diskurtsoan trabatua, ez du jakin edo ez du nahi izan alternatiba seriorik planteatzen. Grezian aldiz, Syrizak diskurtso eraginkorra eraiki du, ezkerreko politikak egin ahal izateko soberania eta demokrazia berreskuratu behar direla azpimarratuz.
Greziarrek demokraziaren aldeko hautua egin dute, orain hautu hori bidean jartzeko ardura Syrizak dauka ANEL eskuineko alderdi soberanistaren laguntzarekin. Greziar parlamentuko politika jarraitzen zuen edonork aurreikusi zezakeen koalizio hau, nahiz eta ezker postmaterialistaren parte handi bat jokoz kanpo hartu duen. Munduko txoko desberdinetan ezkerreko eta eskuineko soberanistek minimo batzuk konpartitzen dituzte kanpo esku-hartzeaz babestu eta herrialdearen erabakitze eskubidea segurtatzeko. Horregatik, nazioarteko politikan AEBen inperialismoaren kontra egin izan duten bezala, orain Syrizaren garaipenaren alde egin dute (Marine Le Penek horrela adierazi zuen, adibidez).
Gobernu greziarrak ez du lan erraza izango. Troikak eta EBean agintzen dutenek ez dute begi onez ikusiko soberania berreskuratzeko saiakera. Bestalde, gobernuak estatua arlo desberdinetan sakonki erreformatu eta gizartean dauden premiazko beharrei erantzun beharko die, baina soberania eta demokrazia ez dira erakundeetatik soilik berreraiki behar. Ezkerra boterera iristen den bakoitzean atzerritik eta eskuinetik sekulako presioak jasaten ditu, hauei aurre egiteko ezinbestekoa izango da greziar gizartearen mobilizazioa gobernua agenda soberanista ezkertiar baten alde tenkatzeko. | news |
argia-c706b283cbb3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/cadizko-dama-hain-urrun-eta-hain-gertu.html | Cadizko Dama: hain urrun eta hain gertu | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-02-08 | Cadizko Dama: hain urrun eta hain gertu
Cádiz (Espainia), 1904. Pelayo Quintero Atauri (Cuenca, 1867-Tetuan, 1946) arkeologoa Andaluziako hiri horretara iritsi zen, helburu nagusi bat gogoan: "ustezko" Cádizko Dama aurkitzea. Kontua da urte batzuk lehenago, 1887an, Punta de la Vaca izeneko inguruan basogabetze lanetan ari zirela, ezustean sarkofago antropoide bat topatu zutela. Gizonezko irudia zeukan sarkofago feniziarrak, eta Pelayo Quinterok pentsatu zuen kutxa hura ez zela bakarra izango Cádizen, bikotekidea behar zuela, eta Cádizko Damarekin obsesionatuta, haren bila hasi zen.
Nekropoli punikoak eta erromatarrak induskatu zituen, hipogeoetako ehorzte-ostilamenduetatik urrezko bitxiak, kutxak, anforak, ukendu ontziak eta argi-armiarmak berreskuratu zituen eta Cádizko ehorzketen lehen tipologia zehatza ere ezarri zuen. Baina damaren arrastorik ez zuen atzeman.
1939an Pelayo Quintero Tetuanera (Maroko) joan zen bizitzera. Baina erbestaldiak ez zion obsesioa arindu. Arkeologoak berak esaten zuen Cádizko Damarekin amets egiten zuela ia gauero. Marokon lanean jarraitu zuen: Afrika iparraldeko arkeologiaren bultzatzaile nagusietakoa izan zen eta 1940an Espainiar Museoa sortu zuen Tetuanen. Hiri horretan hil zen 1946an, 79 urte zituela.
1980ko irailaren 26an, Ruiz de Alda kaleko orube batean, hondeamakina baten hortzek marmolezko plaka handi bat jo zuten. Langileak eskua marmolezko kutxan sartu zuenean, hezur zatiak topatu zituen. Obrak geldiarazi zituzten eta Ramon Corzo arkeologoa hurrengo astelehenean joan zen orubera. Aurkitutako pieza eskerga ondo garbitu eta emakumezko aurpegi bat geratu zen agerian. Emakume itxurako sarkofago feniziarra zen, Pelayo Quinteroren ametsetako Cádizko Dama, alegia.
Pelayo Quinterok 35 urte eman zituen hirian, eta horietatik gehienak Ruiz de Alda kaleko etxe batean. Patioan itzala eskertuko zuelakoan palmondo batzuk landatuarazi zituen. Palmondo horien azpian aurkitu zuten mende erdi geroago Cádizko Dama.
Pasadizoak ipuina dirudi eta ipuin horri Felipe Benítez Reyes (Cádiz, 1960) idazleak erantsi zion irakaspena Mercado de Espejismos (Liluren merkatua) lanean: "Quintero Ataurik, finean, amets bat izan zuen, baina sekula ez zuen jakin amets horren gainean lo egiten zuela. Sekula ez zaigu bururatzen zapaltzen dugun lurrari begiratzea, nahiz eta, gehienetan, zanpatutako lur hori eskura dugun altxor bakarra den: toki ezdeusa unibertsoan". | news |
argia-8dcdb3410ebf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/grezia-da-gure-esperantza.html | Grezia da gure esperantza | Juan Mari Arregi | 2015-02-08 | Grezia da gure esperantza
Ikuspuntu politikotik ez ezik, ekonomikotik ere Greziak esperantza ekarri du Europako hegoaldeko beste herrietara, tartean Euskal Herrira. Baina nazioarteko kapitalismoaren ikur den Troikak (Nazioarteko Diru Funtsa, Europako Banku Zentrala eta Europar Batzordea) hankaz gora jarri nahiko du, kosta ahala kosta. Beraz, itxaropen hori hazi eta zaindu egin beharko da, errealitate bihur dadin, orain arteko austeritate, murrizketa, desberdintasun, inposizio eta ustelkeriaren oso bestelakoak diren politika ekonomiko eta sozial alternatiboen bidez.
Beste mundu bat eraiki dezakegula erakusteko garaia da: justua, berdintasunezkoa, parte-hartzailea, solidarioa eta herri bakoitzaren subiranotasuna errespetatuko duena. Garaia da erakusteko badaudela beste politika ekonomiko batzuk kapitalismoarekin zerikusirik ez dutenak; ustez ezkerrekoak diren gobernuek daramaten oraingo sozial-demokrazia bera ere auzitan jarriko lukete. Grezian boterera iritsi direnak mugimendu sozial eta antikapitalistetatik datoz. Aurreko gobernuek ezarritako austeritate politiken aurrean mahairatu dituzten alternatibek greziarren gehiengoaren babesa jaso dute. Ezin zaio, hortaz, jende horri guztiari huts egin. Ezta Euskal Herria, Espainiako Estatua, Portugal edo Italia moduko beste herrialdeei ere. Denok gaude begira, ea kapitalismoaz gaindiko beste politika batzuek biderik ote duten.
Greziako agintari berriek erantzukizun handia dute. Euren mezua sinesgarria izan dadin, etsenplua eman beharko dute eta inperialismoak duen fronte mediatikotik etorriko zaien oldarraldiari eutsi beharko diote. Euren nortasunaren ikur izan behar du austeritateak eta gardentasunak (soldatak, bidaiak, autoak, etxeak…), ustelkeriaren kontra egunero borrokatzea, eta langabezian eta pobrezian daudenei lehentasunez laguntzea. Grezia da gure esperantza, ez diezagutela galarazi. | news |
argia-096699e787ca | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/ebola-izurritea-beherantz.html | Ebola izurritea beherantz | Joxerra Aizpurua | 2015-02-08 | Ebola izurritea beherantz
Osasunaren Mundu Erakundeak urtarrilaren 21ean adierazitakoaren arabera, Afrikan astero ebolaz kutsatzen direnen kopurua erdira etorri da abuztuko eta iraileko datuekin alderatuta. Bidean ia 9.000 pertsona hil dira, eta milaka asko ebolak jota edo ahulduta geratu dira.
Liberian, Ginean eta Sierra Leonan daude gaixo gehienak, eta jaitsiera ez da proportzio berean eman herrialde horietako bakoitzean. Beherakada nabarmenena Gineakoa izan da. Sierra Leonakoa, aldiz, oso apala. Izan ere, gaixo kopuruaren gutxitzea nazioarteak egindako ahaleginarekiko proportzionala izan da. | news |
argia-1117355f0de5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/amatasuna.html | Bateko eta besteko kritikek itotako amak | Onintza Irureta Azkune | 2015-02-08 | Bateko eta besteko kritikek itotako amak
Enplegua utzi eta etxean geratu delako; umea haurtzaindegira eraman eta soldata irabazten jarraitu duelako. Bi urte arte bularra ematea erabaki duelako; farmazian erositako esnea biberoian ematen diolako. Ohean jaioberriarekin lo egiten duelako; haurrak alboko gelako sehaskan gaua bakarrik pasatzen duelako. Errudun sentitzen diren amen belaunaldia da hau.
Irati Fernández Pujanak Feminismo y maternidad: ¿una relación incómoda? ikerketa egin du. Bandoen arteko gerra dagoen galdetu diogu: "Bandoez aritzea, modu kategorikoan hitz egitea iruditzen zait. Badago era bateko amatasuna kontatzen digun ideologia hegemonikoa (amatasun tradizionala), eta horren aurrean badaude esperientzia alternatiboak, batik bat mugimendu feministak bultzatzen dituenak. Ez dut uste norbaitek esango duenik 'nik ama onaren idealari heltzen diot' eta beste batek pentsatuko duenik 'nik ez diot lehentasunik emango umearen hazkuntzari'. Ez nuke muturreko ideologiez hitz egingo". Amatasun eredu bat edo beste jarraitzen saiatu, gizarteak ama denak egurtzen dituela esan diogu, eta baietz, modu kategorikoan horixe esan daitekeela azpimarratu digu, amak beti direla epaituak.
Feministak ere ideologia naturalizatzaileari segika
Kezkatuta daude Mari Luz Esteban antropologoa eta Irati Fernández. Ama onaren ideala indarra hartzen ari da; amatasun naturalizatzaileak edo esentzialistak ireki du horretarako atea. Azken bi mendeetan eraikiz joan da ama onaren ideala, eta hogei urteotan Euskal Herrian sendotzen ari den eredua horretan oinarrituta dago. Hainbat ama feministak ere barneratu du. Mari Luz Estebanen ustez, ideologia kontserbadore hori oso naturalizatzailea da, eta sozialki dauden desberdintasunak, zaintza lanen banaketa adibidez, naturaltzat hartzen ditu. Kode horri jarraituz gero, emakumeak eta gizonak gerturatu ordez, gero eta diferenteago egingo ditu. Irati Fernándezek ikerketa egiteko hainbat feminista amarekin hitz egin du eta badaki "feminista aurrerakoiak ere umeen hazkuntza naturalaren atzaparretan erori direla". Haren iritziz, hazkuntza naturala ona ala txarra den eztabaidatzetik harago jo behar da, alegia, ea praktika horiek amarentzako zapaltzaileak diren ala ez.
Ama ona
Ideologia hegemonikoak saltzen digun ama ona, dena emateko prest dago eta ez du eskatuko eta ez du ezer etorriko zaionik esperoko. Ama ama da, eta beti egongo da hor, hil arte. Hainbat eskakizun sozial ditu kode horrek, besteak beste, umea hazteak erabateko lehentasuna du eta emakume izate hutsagatik amatasunaz gizonek baino gehiago dakizu. Zehatzago esanda, eta gaur egun indarra hartu duen eredu naturalizatzaileari begira jarrita, ama onak haurdunaldi eta erditze naturalak eduki behar ditu, ama-umea azala azalari egotea oso garrantzitsua da, eta bularra ematea hobesten da, besteak beste.
Gauza bat da diskurtsoa eta bestea praktika
Feminismoak asko kritikatu du amatasuna. Adrienne Rich poeta eta saiakeragilearen ustez, bereizketa egin behar da amatasun instituzionalaren eta praktiken artean. Amatasun eredu tradizionala instituzio bihurtzen den neurrian, eta patriarkala den heinean, kritikatu eta eraitsi egin behar da. Bestetik ordea, amatasun esperientziak dauzkagu, anitzak, oso. Ez da gauza bera Europa Mendebaldeko amez aritzea, edo Afrikakoez. Ez da berdin klase sozial batekoa edo bestekoa. Antzeko zerbait dio Estebanek Hik Hasi aldizkarian: "Kontuan izan behar dugu amatasuna oso esperientzia anitza dela, eta guk homogeneizatzeko joera dugula. Diskurtsoak, ideologiak zein diren begiratu behar da, baina klase sozialaren arabera, adinaren, ideologia feminista ala ez feministaren arabera, formazioaren arabera... praktika desberdinak egongo dira".
Ideologiak eta praktikak ez dira gauza bera, baina ideologiek amen egunerokoan eragiten dute, eredu bati edo besteari jarraitu erabakitzerakoan eragiten dute, eta gizarteak pisua duten pentsaera horien arabera gogor kritikatzen ditu amak. Eta ama denak epaitzen ditu jendarteak, atxikimenduzko hazierari heldu eta umearekin lo egiten duelako, edozein ordu eta tokitan txikiari bularra ematen diolako. Eta kode hegemonikoari aurre eginez bide alternatiboak bilatu dituen amari ere bai, ostiraletan lagunekin afaltzera doalako umea aitaren besoetan utzita eta lau hilabetez geroztik haurtzaindegira eraman duelako. Epaiek "errudunak" fabrikatzen dituzte. Gaur egun, errudun sentsazioa daukan ama saldoa daukagu.
Irati Fernándezek kontatu digu azaldu berri dugun Adrienne Richen gogoeta eta Fernándezek berak egin du ondoko hausnarketa: "Teoria feministak tradizionalki amatasuna kritikatu du emakumearentzako zapaltzailea den neurrian, baina agian, hutsune moduko bat egon da, amatasuna beste modu batean eraikitzeko hausnarketak bideratzeko. Ikerketan parte hartu duten feministek gogoeta gabezia mahai gainean jarri dute. Argi dago ikuspegi tradizionala kritikatu behar dela, baina alternatibez hitz egin al dugu?".
Estu-estu hartutako amak
Aitak ez dira errudun sentitzen, hala dio Estebanek: "Ama bati, oraindik ere, aita bati eskatzen ez zaiona eskatzen zaio. Ikaragarrizko exijentziak ditugu amekiko. Erruduntasuna oso zabaldua dago emakumeengan, baina gizonengan ez. Gizartean presio handia dago amen gain. Ez da bakarrik hedabideetako presioa, edo diskurtso mediku-zientifikoarena... Ingurukoen presioa handia da. Ama bati edozeinek ematen dizkio aholkuak".
Ama feministak ere errudun sentitzen dira. Nortasun feministaren eta ama izatearen artean barne tentsioak sortzen dira. Fernándezek feministekin egindako ikerketan gatazka horiek agerikoak dira. Bikote heterosexualak aztertu ditu, eta gizonaren eta emakumearen artean eraiki duten berdintasunezko hitzarmena kolokan nola jartzen den ikusi ahal izan du, batzuetan hitzarmena hausteraino. Ez baita gauza bera berdintasunean bizitzea haurrik tartean ez denean, edo amatasuna eta aitatasuna tartean sartzen direnean. Genero sistema indartu egiten da amatasunetik aurrera eta desorekak agertzen dira zaintza lanetan, etxeko lanetan, denbora eta espazioa betetzeko edo ez betetzeko moduetan. Umearen lehenengo urtean, ikerketan parte hartu zuten amek aitortzen zuten ez zirela ohartzen bikotekidearekin egindako hitzarmen hura kili-kolo zebilela. Umeak bi urte egin eta gero –haurrak bere kabuz moldatzeko gaitasun dezentea lortzen duenean izatea ez da agian kasualitatea–, emakumeok aita eta amen arteko desorekak leuntzeko estrategiak erabiltzen hasten dira. "Haurrak urtebete egindakoan hasten dira pentsatzen, 'non dago gizon hura, esan zidana honetaz eta hartaz arduratuko zela?'. Onartzen dute tranpan jauzi direla. Betiko feminista militantea izan gura dute, haien printzipioak bere horretan geratuko direla uste dute, eta gero ez da horrela". Fernándezen iritziz, feminismoak genero sistemaren desberdintasunekiko kontzientzia hartzen laguntzen du, eta behin egoeraz ohartuta, horri aurre egiteko estrategiak abian jarri behar dira.
Irati Fernándezek eta Mari Luz Estebanek argi dute ama onaren ideologia hegemonikoa, amatasunaren naturalizazioaren bidez, gaurko amak presionatzen ari dela. Atxikimenduzko haziera praktikatzea erabaki duen Nahia Alkortak berriz (ikus ondoko koadroan), halako erabakia hartu duten amek pairatzen duten zama kontatzen du. Bere ustez, ama izatearen inguruan bi bando sortu dira eta elkarri mokoka dabiltza. Bi bandoak dira galtzaile. | news |
argia-754a3356842a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/erloju-atomikoak-dio-hiru-minutura-gaude-kataklismotik.html | Erloju atomikoak dio: hiru minutura gaude kataklismotik | Pello Zubiria Kamino | 2015-02-08 | Erloju atomikoak dio: hiru minutura gaude kataklismotik
2015ean handitu egin dira mundua hondamendira iristeko aukerak: klimaren aldaketa geldiezina, arma nuklearren modernizazioa, arsenal atomikoen sakabanatzea... Agintariei eta herritarrei ohartarazteko, Atomic Scientist zientzialari taldeak bi minutuz aurreratu du "Doomsday Clock" famatua: hiru minutu geratzen zaizkigu ernatzeko.
Azken Juizioaren ordularia da, "Doomsday Clock" , eta gizakiok munduaren akaberarako bidean barnatzen ala hartatik urruntzen ari garen azaltzeko asmatu zuten AEBetan gai nuklearretan adituak diren zientzialari nagusiek. Urtarrilaren 22an alarma zabaldu dute, ordularia gauerdiko hamabiak bost gutxitik hiru gutxira aurreratuz: historian oso gutxitan bezain hurbil omen gaude azken debacle handitik.
Argiako orriotan bertan " Azken juiziorako bost minutu falta, diote zientzialari atomikoek " titulatu genuen 2009ko ekainean, eta " Zazpi minutu falta dira', dio erloju atomikoak " 2003ko ekainean. Hamabi urte geroago, planetak gaur ezagutzen dugun itxuran biziraun dezan zientzialariek arriskuak nola handitzen ikusi dituzten seinale.
Paradoxikoki, munduko lehen bonba atomikoa asmatzen jardundako zientzialariek, AEBetako Gobernuaren Manhattan Project famatuan aritutakoek, sortu zuten 1945ean Bulletin of the Atomic Scientists, zientzialari atomikoen agerkaria. Bi urte beranduago aurkeztu zioten publiko zabalari "Doomsday Clock" , Azken Juizioaren Ordularia.
18 aldiz aldatu dizkiote orratzak. Hondamendia hurbilen 1953an ikusi zuten, Gerra Hotzaren beroenean. Aldiz, unerik lasaiena zientzialariontzako 1991n gertatu zen, Berlingo harresia erori eta Sobiet Batasuna hondoratu zenean. Ziurrenik une hartako pozean ez ziren ohartu munduaren aldaketa geopolitiko sakon hark bere baitan zeramatzala ondorengo garaietako liskarren haziak. Oraingoenak.
1947tik erlojuak irudikatu ditu gauerdirako falta diren minutuak, hau da, katastrofe nuklearrera iritsi artekoak. Zientzialariok jabetuak ziren AEBek lehen bonba zapartarazi ostean bere eta Sobiet Batasunaren artean hasitako lehiak une batetik bestera ekarri zezakeela gizakia suntsitzerainoko gerra totala.
Geroztik Atomic Scientists elkarteak lan eskerga egin du arma nuklearren kontrolaren alde, baina gero eta gehiago joan da muturra sartzen denborarekin Lurreko jendeentzako agertu diren arrisku berrietan. Klimaren mehatxuez gain, teknologia berriek berekin ekarri dituzten arrisku orain arte ezezagunak ere aztertzen dituzte.
Buletinaren ekipoko zientzialariek –tartean 17 nobel saridun direla– erabakitzen dute gizadiaren eguna betirako amatatzeko gehiago ala gutxiago falta den. Zergatik deliberatu dute minutuen orratza bost gutxitik hiru gutxira hurbiltzea?
Kazetarien aurrean ordulariaren orratzak mugitzeko ekitaldian honela azaldu du urtarrilaren 22an buletineko zuzendari exekutibo Kennette Benedictek: "Gaur gizadiaren bizirautea bera mehatxupean jartzen dute erremediorik jartzen ez zaion klimaren aldaketak eta arma nuklearren lehiak, berekin dakarren arsenal izugarri handien modernizatzearekin. Eta munduko liderrek horietan huts egiteak arriskuan jartzen ditu Lurreko jendeak oro".
Buruzagiei eta herritarrei hoska
Klimaren aldaketak sortu duen arrisku itzelaz, berriz, Sivan Kartha zientzialariak esan du agintariek ez dutela urrats funtsezkorik eman, ez dutela eten beroketa eragiten duten kutsakorren alorrean eduki duten jokabide koldarra, iniziatiba ez dutela hartzen, urteotan sortutako espektatibak ez direla bete.
"Orain ezin gara harritu, beraz, emaitzez. Munduak isurtzen dituen negutegi eraginezko gasak gaur %50 gehiago dira 1990ean zirena baino. Usuriak 2000tik gaurdaino handitu dira aurreko hiru hamarkadak batuta baino gehiago. Erregai fosilak eskuratzeko azpiegituretan jarraitu dugu urtean bilioi bat dolar baino gehiago inbertitzen, eta horiei gehitu behar zaizkie erregai fosilei emandako ehunka mila milioitako diru-laguntza publikoak. Jokabide hau aldatu dezakegu eta aldatu beharra daukagu azpikoz gain".
Atomic Scientists elkarteko Sharon Squassonik, armen ugaritzea gelditzeko programetan aspaldiko aditua bera, aitortu du Gerra Hotzaren amaieraz geroztik halako baikortasun bat egon dela jendeen artean, arma atomikoak dauzkaten estatuak gai izango zirelakoan lehia nuklearra kontrolpean edukitzeko eta pixkanaka lortuko zutela urruntzez suntsiketa atomikoaren leizearen bazterretik.
Baina baikortasun hau haizeak eraman du, funtsean bi alorrotan: arma nuklearren modernizatzea sustatu dute potentzia handiek eta lehendik zeuzkaten armak desegiteko programak ahultzen utzi dituzte, programok ia geldiarazteraino.
Squassonik salatu duenez, "nahiz eta AEBek eta Errusiak gaur ez dauzkaten dozenaka milaka arma atomiko Gerra Hotzaren garaian zeuzkaten moduan, horiek gutxitzeko ahalegina izugarri mantsotu da azken urteotan, Krimeako krisia baino askoz lehenagotik. 2009tik 2013a bitartean Obamaren administrazioak ez du arsenaletik erretiratu 309 buru nuklear baizik".
Arrisku larri gehiago ere izendatu dituzte "Doomsday Clock" en minutu-orratza aurreratzerakoan. Bata, argindarra sortzen duten zentral nuklearren erregaiak metatzeko eta segurtatzeko sistema egokirik ez edukitzea. Bestea, hondakinok arma atomikotarako erabiltzeko gaitasuna munduan zehar barreiatu izana, potentzia nuklear klasiko handien aldean estatu eta talde askoz gehiagoren eskueran jarriz arsenal nuklearrak.
Hirugarrenik, teknologia berriek sortutako arriskuak ere aipatu dituzte. Berrikitan Ebola birusaren erasoari aurre egiteko estatuak zein ahul jokatu duten ikusirik, zientzialariak oso kezkatuta daude biologia sintetikoaren alorrean eta zer esanik ez bioterrorismoan sortu diren arrisku itzelez.
"Doomsday Clock" en orratzak aldatuz, larrialdiaz ohartarazteko deiadar dramatikoa egin dute: "Zientziak garbi azaldu du: negutegi eraginezko gasak ez badira mozten munduan, katastrofe klimatikoa gerta daiteke. Arma atomikoei dagokienez, batzuek arma atomiko 'mugatuak' deitzen dituztenek ere eragin ditzakete jendeen galera masiboak eta mundu osoko ingurumenarentzako kalte larriak. Arren erregutzen diegu [we implore] munduko lider politikoei elkarrekin egin dezatela lan, azkar erreakzionatu dezatela zorrotz gutxitzeko beroa atxikitzen duten gasen isurketa globala, bereziki karbono dioxidoarena, eta murriztu ditzatela arma atomikoen arsenalak".
Jende arruntentzako ere badaukate deia zientzialariok: "Munduko herritarrei ere egiten diegu erregu beren buruzagiei bultza diezaieten ekitera. Mehatxua hurbiltzen ari zaio gizadi osoari. Gizadiak orain erantzun beharra dauka, oraindik astia geratzen den bitartean". | news |
argia-6c63ff9ff45f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/adierazpenak.html | Adierazpenak | Karlos Gorrindo Etxeandia | 2015-02-08 | Adierazpenak
"Nire ama iraintzen duenari ukabilkada eman eta kito" esan zuen Aita Santuak jainkoarengandik fisikoki hurren izan zen unean, hegalaldi batean egindako adierazpenetan. Eta esan bazuen, esan zuen! Bazter kristau eta ateo guztiak astindu zituen. Aita Santu batek horrelakorik esatea ere! Haren berbak, kristau dogmaren filosofiatik urrun daude, jakina, zaplastakoaren ostean, alboko masaila eskaini behar izaten baitute sinesmen mota horretako doktrinatuek.
Baina Bergoglio jauna animalia ere bada, Aita Santu izateaz gain, eta haren ahoak arrazionaltasunaren galbahetik iragazi gabeko giza erreakzio naturala jaulki zuen. Baina hark esanak ere lotura irmoa du adierazpen askatasunarekin. Kokotekoak, ostera, giza izaera-jarrera berezkoarekin, adierazpen askatasunaren erabilera gehiegizkoak sor dezakeen ondorio ustekabekoarekin, alegia.
Jakina, nik nahi dudana esateko (idazteko) askatasuna eta eskubidea baliatzen badut, trukean entzun nahi ez dudana entzuteko prest egon beharko dut. Eta batzuetan neurriko erantzuna barik, ezohiko erreakzio basatia ere gerta liteke, Pariskoa, kasu. Zenbatetan ez ote dugu entzun "Nik pentsatzen dudana esateko eskubidea dut" iruzkina –eranskin hau soilik falta zaio gonbitoka hasteko: "Herri libre eta demokratikoan bizi baikara"– goreneko eskubidea eta hesirik merezi ez duena izango bailitzan. Ados, esan (idatzi) nahi duzuna, baina mamurtu esango (idatziko) duzunak hirugarren bati kalterik eragingo ote dion. Eta hala balitz, onartu ondorioak, edo, bestela, neurtu berbak.
Jendarteak era librean pentsatu eta jarduteko botere-eskubidea du (libre albedrio); egia da, baina botere horren erabilera burlatiak, edo iraingarriak, edo probokatzaileak, demagun, ondorio negargarriak ere eragiten ditu. Askatasun beterik (absoluturik) ez dago, eskubide absolutu eta gorenekorik ez dagoen eran. Hori dela eta, deitoragarria eta arbuiagarria da uste izatea hurkoaren eskubideak errespetatzen ez dituenaren eskubideak urratzeko eskubidea duela zibilizazio mendebaldarrak, esaterako, ipar hemisferioko balio moral, etiko eta filosofikoak on bakarrak direlakoan. Hego hemisferiokoak mesprezatu, eta herriak eta pertsonak zanpatu, suntsitu, txikitu eta zirtziltzen dihardugun bitartean, adierazpen askatasunaren eta esku-hartze humanitarioaren izenean.
Kerik nahi ez duenak ez dezala piztu surik! | news |
argia-237234662212 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/ziburuko-ikastolak-lurra-erostea-erabaki-du-azkenean.html | Ziburuko Ikastolak lurra erostea erabaki du azkenean | Onintza Irureta Azkune | 2015-02-08 | Ziburuko Ikastolak lurra erostea erabaki du azkenean
Ez da inolako akordiorik lortu Ziburuko Kaskarotenea Ikastolaren eta Herriko Etxearen artean. Seaskak, Kaskarotenea Ikastolak, behin eta berriz azpimarratu du ikastolak zerbitzu publikoa eskaintzen duela, euskaraz ikasteko aukera emanda herriko haurrei. Laida Mujika ikastolako zuzendariak hala adierazi du: "Normala iruditzen zitzaigun herriko etxeak bere gain hartzea lurra edo zerbait".
Marinela auzoan dago ikastola, 2012an sortua. Kaskaroteneako haurrak lur publikoetan ari dira ikasten, Ziburuko Herriko Etxeak baimena emanda. Hainbat obra medio bestelako kokapena eskaini zitzaion Seaskari eta honek ez zuen begi onez ikusi. Akordiorik ez zenez izan, bertan geratzea erabaki zuen ikastolak, eta horrek ondorioak izan ditu. Argindarra moztu zieten eta egunero 100 euroko isuna ordaindu behar izan dute lur eremu publikoan baimenik gabe jarraitzeagatik.
Ipar Euskal Herriko ikastolen herenak hartutako bideari heldu dio Kaskaroteneak, alegia, lur eremu pribatua erosiko du. Datozen egunetan sinatuko dute erosketa ofizialki. Seaskako kideek albistea emateko egindako prentsaurrekoan adierazi zutenez, ez dute bestelako konponbiderik aurkitu: lurra erosi edo ikastola itxi. Ikastolen herenak hartutako bidea bada ere, Seaskak esan duenez, lur eremu guztiek ez dute prezio bera eta Ziburuko lurrak garestiak dira.
300.000 euro beharko dira erosketa ordaintzeko, hiru Herri Urratsetan lortzen den dirua. Aurtengo jaian bilduko den diru guztia erabiliko da lur eremua ordaintzeko. Ziburuko Ikastola laguntzeko bi ekitaldi egingo dituzte. Batetik, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistek saioa egingo dute Baionan apirilaren 18an, eta bestetik, 23an Hernaniko eta Ordiziako errugbi taldeek partida jokatuko dute Ordizian. | news |
argia-e8a91f0b4cf3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/baratzea.html | Baratzea | Jakoba Errekondo | 2015-02-08 | Baratzea
Baratzea eskola paregabea da. Bertan gauza mordoa ikas daiteke. Baratzerik gabeko eskolarik ez litzateke ametitu behar. Ariketa, elikadura, biodibertsitatea, paisaia kulturala, genetika, garaian garaikoa, belaunaldien arteko trukea, lurraren eta gure osasunaren arteko loturak, estetika, gastronomia, ekosistemaren oreka, ikerketa... Izan ere, zer ez da ikasten baratzean?
Argazkikoa Orioko ikastolako baratzea da. Haiek harago doaz: espiralak, artea, biodinamika, permakultura... Igarriko zaie, gero, hor ikasiko duten ikasleei. Besteen aldean aurrean ibiliko dira. | news |
argia-7cbdb1c80786 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/cantata-a-ranquil.html | Txileko historiak ezkutatutako sarraskia bertsotan | Alvaro Hilario P�rez De San Rom�n | 2015-02-08 | Txileko historiak ezkutatutako sarraskia bertsotan
Bada Txileko historiografia ofizialak gordeta duen pasarte lotsagarririk eta halakoen iturburua, hainbatetan, lurraren jabetza izaten da. Ranquileko sarraskia da horietako bat: Ivan Fernandez historialari eta konpositoreak ikertu eta ezagutzera eman du kantata baten bidez.
"Txilen izandako matxinadetan hildakorik izan bada, herriak jarri ditu. Gure lurraldea, Araukania, ez da salbuespena. Estatu politika okerren erasoak pairatu behar izan ditugu, baita ondorioak ere", esan du Ivan Fernandez historialari eta musikagile txiletarrak. "Baditugu hainbat gertaera historiko erabateko isiltasunak gordeta, guztiz lotsagarriak direlako. Gutxik ezagutzen dituzte 1934ko gertaerak; gutxi dira, beraz, Malleco probintzian, jauntxo eta nagusien gehiegikerien kontra matxinatu zirenean, 200 bat laborari eta maputxe hil zituztela dakitenak. Cantata a Ranquil sekula kontatu ez den historia kontatzea da". 2015aren hastapenetan Katalunian eta Bilbon aurkeztu du, berak zuzentzen duen Inchi iñi mapu –"Lurra gara", mapudungunez– musika taldeak lagunduta. 2000. urtean jaiotako izen bereko kultur elkarteak sortu du taldea eta "talentu handiko" zazpi gaztek –horietako bi dira maputxe– osatua da.
Bi dira kantata sortzeko Fernandezek egin dituen lanak: memoria historikoan arakatzea eta, horrek emandako datuetan oinarrituta, gertaeren kontaketa berreraikitzea, elementu artistikoak baliatuz. Baliotsuak dira oso ikerketaren emaitzak: besteak beste, sarraskitik bizirik atera ziren azken bi pertsonak elkarrizketatzea lortu zuen –90 urte baino gehiago dituzte jada–, baita matxinatu baten semea ere, egun Historia irakaslea dena. Testigantza horiek baliatuz eta beste biktimen ondorengoek emandako informazioari esker, hildakoak 214 izan zirela zehaztu ahal izan zuen, adibidez: "Nire iritziz, lan hau guztia egia irudikatzea da; sentitzen ez ditudan gauzarik idazten ez dakit; bizi izaten ditudanak ditut abiapuntu, inspirazio… Eta sarraski hau oso gai indartsua da. Ikerketaren azken fasean, duela urte bi, gertakariak eman ziren tokira gerturatu nintzen. Bertan nengoela, ekaitzaren erdian, atxilotuek epaitegiraino egin behar izan zuten bidaia asmatzen saiatu nintzen; oroitzapenak hunkituta laga ninduen: kantata jotzen dudan bakoitzean, berdin gertatzen zait".
XVII. mendean sortutako generoa izan arren, kantata XX.enean Hego Amerikan berragertu egin zen, arazo sozial eta politikoak jomuga hartuta. Ospetsuak dira, esaterako Luis Advisen Cantata de Santa María de Iquique –Quilapayun taldeak taularatzen du– eta El canto para una semilla, Alejandro Guarelloren Cantata de los derechos humanos edota Inti Illimaniren Rosa de los vientos. Bide beretik datorkigu Ivan Fernandezek idatzi eta konposatutako Cantata a Ranquil: "Araukania ez da sekula menderatua izan. 300 urtez ekin zioten bere biztanleek inbaditzaileen kontrako borrokari. Ez da, beraz, inportantzia gutxiko gaia. Badugu aldarrikapenaren kultura eta historia hori eta kantatan islatu dut. Gertaerak dagozkien testuinguruan kokatzeko dago lanaren sarrera. Gero, alde musikala eta Lonquimay komunan, Mendikatean, gertatutakoen berri ematen duen deklamazioa ditugu".
Begirunea eskatzen duen herria
Araukaniako hiriburu den Temucon bizi bada ere –Txileko IX. Eskualdea, Cautin eta Malleco probintziek osatua, Wallmapu erdian–, hegoaldean jaioa da Fernandez, Puerto Montt hiritik hainbat kilometrora: "Zazpi urte daramatzat 1969ko martxoan izandako Pampa Irigoineko sarraskia ikertzen. Nahi dut hura bizi izan zutenek esperientzia partekatzea, beren ondorioak ateratzea eta ekarpenak egitea. Gaur, lehen bezala, pobrezia, aukera falta edota oso leku urrian jendea metatzea –bospasei familia maputxe hektarea bakoitzeko– ditugu arazoen sorburu". Fernandezen aburuz, gaur egungo egoerari begira, jatorrizko herriak "aldarrikapen eta pobrezia arintzeko garaian" daude: "Goseak ez du pentsatzen, ez du teoriak garatzeko balio; gosea etsipena eta estuasuna baino ez da. Solidario izan behar dugu. Gure lurraldea probidentziak bedeinkatua da; ederra da eta jendearen epeltasuna ere badauka; jatorrizko herriak zintzoak dira, dagozkien bidezko eskubideak galdegin, besterik ez dute egiten: duintasunez bizitzea, beren nortasunak merezi duen begirunea izatea".
Pinochet jeneralaren diktadurak eragindako oinazeak eta erbestea ezagutzen ditu eta Estatuak egoera aldatzeko baliabide nahikorik baduela dio. "Aitortu behar dugu egun dugun intendentearen [eskualdeko gobernuburua] lana; jatorrizko maputxea den Francisco Huenchumillak (Democracia Cristiana) lortu du maputxe auzia Txileko agenda politikoan kokatzea. Politikariek justizia sozialaren banderari eusten diote hauteskundeak datozenean, baina behin hautatuta, gaia zokoratu eta ahaztu egiten dute. Egungo eskualdeko Gobernuak berriz, segitzen du maputxe auziari irtenbideak eman nahian, gaia estatuko zereginen artean jarriz. Begiratu, esaterako, zer egin duen jatorrizko herriek parlamentuan beren ordezkariak eduki ditzaten. Gatazkak konpondu ahal izateko abiapuntua litzateke".
XIX. mendearen amaieran Argentinak eta Txilek maputxeen lurrak bereganatzeko kanpaina militarrak bukatutakoan, antzinako Wallmapu 500.000 hektareara murriztu zen, txiletarrek inposaturiko komunitateetan antolatuta. Hegotik iparrera Valdivia eta Concepcion hirien arteko eremuan sakabanatuta daude komunitateok eta eskualdearen zentroa Temuco da. Gaur gatazkaren erdigunean jarraitzen du, duela 81 urte bezala, gerran lortutako lurrak kolonizatzeko prozesuak, zeinak leku barik laga zituen maputxeak. "Kantataren bertso batean esaten dut: 'En tierra buena viví, pero sin ninguna pertenencia, la mano del escribano me atropelló la conciencia'; eskribau askok desjabetzea laguntzeko argudio juridikoak sortu zituzten. Munduko leku guztietan, pobrearen eskuzabaltasunak aberatsaren handinahiari ematen dio jaten: bestearen gabeziak mantenduz, kontrolpean daukate egoera".
Maputxeen betiko arerioei –latifundistak, Estatua– beste batzuk gehitu zaizkie azken hamarkadetan: basoak ustiatzen dituzten enpresak eta Endesa bezalako hidroelektrikoak, adibidez: neurri handiko etsaiak, mundu mailako ekonomian Txileko Estatuak nahi duen kokapena eskuratzeko laguntza handikoak direnak: "Arazoaren beste alde bat dugu hori. Basoak ustiatzen dituzten enpresak beren irudia garbitzen saiatu badira ere, kapitalismo basatia eta maltzurra da beraiena. Ez naiz kapitalismoaren kontrakoa, kapitalismo solidario eta kooperatiboaren aldeko apustua egiten dut. Berarena ez den guztia suntsitzen duen kapitalismo hori ez da nirea. Harritzekoa da jatorrizko herriek –Araukanian edota Pascuan, adibidez– egunero pairatzen duten egoera, beren kontrako etengabeko erasoa. Nik indigenen autodeterminazio eskaera eta oinarrizko gabeziak desagerrarazteko irtenbideen aldeko gatazka islatu nahi izan dut". | news |
argia-956d232caab2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/armak-ekoizten-dituzten-euskal-herriko-enpresak.html | Armak ekoizten dituzten Euskal Herriko enpresak | Estitxu Eizagirre | 2017-09-24 | Armak ekoizten dituzten Euskal Herriko enpresak
Iturria: Gasteizkoak kolektiboa.
ARABA
ADS (Advanced Dynamic Systems)
AEG Power Solutions Ibérica (lehengo Saft)
Aernnova Aerospace
Alestis aerospace
Altran
Talleres Aratz
BBI (Beretta-Benelli Ibérica)
Burdinberri
Coeca
CTA (Centro de Tecnologías Aeronáuticas)
Erle robotics
Alcor Taldea
IDEC (Ingeniería y Desarrollos en Composites)
LTK Industrial & Aeronautic Logistic Services
Maxam (UEE Cartuchería Deportiva)
Mercedes Benz
Metraltec
Nuter
Prevent-Euroseland
QAES (Quality Engineering Services)
Sidenor
Sky Way Technology
Spasa (Subcontratación de Proyectos Aeronáuticos)
Tecnasa (Tecnologías Aeroespaciales)
BIZKAIA
Aeromec
Aerospace Engineering Group
Aeroteam (Aeronautical Engineering)
Aitor (Cuchillería del Norte)
Ardesa
Astilleros murueta
CTA (Centro de Tecnologías Aeronáuticas)
Dinalot
Electrohilo
Emte Norte
Evec (Elementos de Verificación y Control)
eb-rim Taldea
Hegan (Kluster Aeroespaziala)
Indra
Industrias Tey Tratamientos Térmicos
ITP (Industria de Turbo Propulsores)
JPG (Grupo de Ingeniería, Reconstrucción y Recambios)
Matrici
Astorkia Mekanizatuak
Mesima Bilbao
Novalti
Novatronic Sistemak
Oesía (lehengo IT Deusto)
PCB (Precicast Bilbao)
Sener
Sidenor
Siegel
Sisteplant
Tecnichapa
Troquenor
UEB (Unión Explosivos Ensign Bickford)
Vitelsa Norte
Wartsila Ibérica
GIPUZKOA
Aibe Tailerrak
Alfalan
Asaey
CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles)
Centro de Excelencia PID RD
Cidetec (Teknologia Elektrokimiken Zentrua)
Danobat
DMP (Desarrollos Mecánicos de Precisión)
Doimak
Goimendi
Ibermática
Indra
Ikusi (Ángel Iglesias)
Inasmet-Tecnalia
Larrañaga y Elorza (alcyon)
José Lazpiur Eraikuntza Mekanikoak
Kanter Mekanizatuak
Microfusión de Aluminio
Sapa Placencia
Sisfle (Sistema Flexibleak)
Tekniker
Tesa (Talleres Escoriaza)
Tecomar
Tratamientos Térmicos TTT
Tratamientos Superficiales Iontech
NAFARROA
Indra
M.Torres Diseños Industriales
Orbital Aerospace
Tiruña (Talleres Iruña)
LAPURDI
2MoRO
Aerodrones
CEMA (Akitaniako Ikerketa Mekanikoen Zentrua)
Dassault Aviation
Lauak Taldea
Teknologia Poloa
Precimecan (Caromar)
Turbomeca | news |
argia-352221e08f44 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/juan-ignazio-zulaika-puntista-ohia.html | "Gure garaian, erretiratu arte seguru zen pilotaria" | Miel Anjel Elustondo | 2017-09-24 | "Gure garaian, erretiratu arte seguru zen pilotaria"
Behin batean izan ziren pilotari batzuk, zesta-punta nahiz raketa jokalari, Amerika amets izan zutenak. Izan ziren ametsa gauzatu zutenak, Juan Ignazio Zulaika, kasu, ametsaren gozotik bezainbat amesgaiztoaren ozpinetik dastatu zuenak AEBetan. Txik-txak blogean kontatzen du...
Zesta jokalariak ez ziren bakarrik Gernikan eta Markinan.
Ezta pentsatu ere. Gipuzkoan zesta-punta jokatzeko zaletasun handia zegoen. Villabona inguruan, Oarsoaldean… Bizkaian Markina izan zen foku handiena, handik irten ziren pilotari gehienak, baina Tolosako eskolatik ere ehunka irten ginen.
Tolosara bizitzera joan zineten 6 urte zenituela.
Pilotan ari nintzen zortzi urte nituela. Aita pilotazalea, eta frontoitik gertu bizi ginen. Anaia zaharra eta biok gainerako pilotariek nola jokatzen zuten begira egoten ginen. Halako batean, aitak zesta bana ekarri zigun, eta Anoetan (Tolosaldea), hala-moduzko frontoi irekian hasi ginen saioak egiten. Gero, aitak Rafael Elizondorekin hitz egin zuen, urte askoan toki askotan pilotan ibilitakoa –Kuban, Manilan, Mexikon…–, eta erretiratu zenean Tolosako pilota eskolako maisua.
Eta Elizondok eskolarako hartu zintuzten. Ez zituen denak hartuko, hala ere.
Denak hartu, ez. Gaztetxoak nahi zituen hark. 17-18 urteko mutil sendo eta indar handikoak nekez hartzen zituen. Haiei teknika irakasteko modurik ez, nonbait. Kankailu haiek aitarekin joaten zitzaizkionean, Rafaelek [Elizondo] proba egiten zien, traketsak zirela ikusten zuen, eta dena delako mutilaren aitari esaten zion berandu xamar zela haiei ezer erakusteko, eta han itzultzen ziren burumakur aita-semeak etxera.
Ez zen zuen kasua izan.
Ez, gu oso gazte hasi ginen, indarrik ere ez geneukala. Ikasteko aproposak. Eta ikasi genuen, eta pilotari izan ginen. Nik, esaterako, 14 urterekin debutatu nuen, Zaragozan (Espainia). Hori zen debuta egiteko adina. Baziren 13 urterekin debuta egindakoak ere, artean galtza motzetan ibiltzen ziren mutikoak. Eta Kubara nahiz Madrilera joaten ziren. Guretzat ere izugarria izan zen etxetik irtetea. Oso mundu txikia zen gurea, eskola eta familia, ez zen besterik. Frankismoa zen, egoerari buruzko informaziorik ez, eta bestalde, erlijioak oso baldintzatuta bizi ginen, lotsa eta erruduntasuna barruraino sartuak: sexu informaziorik ere batere ez, neskekin harremanik ez, eskolan mutilak mutilekin ginen, neskak neskekin… Horrek pisu handia izan zuen gure heziketan.
Erbestean bestela zen.
Orduan, komeriak. Batetik, sekulako ilusio eta ametsa genituen Amerikara-eta joateko. Bestetik, berriz, lotsa eta beldur handia genuen, guztiz lotuta bizi ginen, zentzu guztietan.
Amerika amets zuek.
Tolosan ikasten ari ginela Tximela eta fama handiko pilotariak etortzen ziren, eta gu haiei begira egoten ginen, gaur egun mutikoek futbolariei begiratzen dieten miresmen berarekin. "Hau Ameriketatik etorri duk. Hura Filipinetatik. Beste hura Madriletik. Halako, Mexikotik". Ez genuen erbesterik ezagutzen, baina gure buruan, irudimena libre. Gogoratzen naiz Miamin liburuxka moduko bat publikatzen zutela, pilotarien fotografiak, kinielak… guretzat hura ikaragarria zen, entenditzen ez bagenuen ere: ingelesezko izenak guretzat arraroak, pilotari kubatarrak euskaldunekin batera pilotan…
Juan Ignazio Zulaika Floridan jokatzen. Argazkia: Zulaika berak utzia.
Mundu horrekin bat egin zenuen zuk ere halako batean.
Bai. Garai hartan, pilotariek lau-bost hilabete jokatzen zuten Amerikan. Gero, Euskal Herrira etorri eta Espainian jokatzen zuten Zaragozan, Madrilen, Mallorcan… Gu baino zaharragoak ziren haiek, etortzen ziren, joaten ziren, eta gu, berriz, Amerikara joateko gure txanda noiz ailegatuko zain bizi ginen. Halako batean, Miamiko frontoiko enpresaburua etortzekoa zela esan ziguten, eta jakin nuen ni ikustera etorria zela; besteak beste, ni. Jokatu nuen, baina guztiz urduri. Gero, intendenteak hots egin zidan bulegora, eta han, Amerikako enpresaburuak esan zidan, erdi ingelesez erdi gaztelaniaz, gaztetxoa nintzela, itxaron egin behar nuela heldu arte, tokia izango nuela. Nik, berriz, nire ume fantasian uste nuen egun hartan bertan egingo zidala kontratua, eta arraioa!, zapuztuta geratu nintzen. Berehalaxe, berriz, Milanera joateko aukera izan nuen, zenbait beteranorekin: "Gaztetxoa duk baina badik heldutasunik". Aitari baimena eskatu behar izan nion. Hark baietz, eta Milanera. Hantxe bete nituen hamabost urte. Jauzi ikaragarria izan zen. Zaragoza herri handi bat besterik ez zen. Milan, aldiz, hiria, zeharo ezberdina. Hango giroa, eta hizkuntza, eta kultura, eta zinema, eta politika giroa… Oso gustura igaro nuen, nahiz eta lotsa eta erruduntasun sentipen hark erabat baldintzatzen ninduen.
Bakarrik zinen?
Nire moduko mutiko gazteekin. Beasaindar batekin joan nintzen. Han, berriz, bizkaitar batekin elkartu ginen etxebizitzan, eta ikasleen modura bizi ginen. Etxetik frontoira joan-etorrian. Frontoiko ikusleak gaiztoak ziren, biraoka ez baina zalaparta handia ateratzen zuten, eta ikaragarri sartzen ziren pilotariekin. Han ez zuten barkatzen, 14 urte izanagatik ere. Bestalde, mundua agertu zitzaidan. Italiera ikasi nuen, pixka bat irakurriz, zinemara joanez…
Puntista karrera egiten zu, beti Amerika amets.
Baina hara joateko errazago zen Bartzelonako frontoiaren bidea egitea, Milangoa baino, eta Kataluniara joan nintzen. Urte eta erdi egin nuen.
Zure bidean aurrera, Bartzelonatik Amerikara joan zinen.
Floridara joateko kontratua eskaini zidaten, Tampa hirira, 1973an. Hala ere, 1974ko urtarrilaren lehenengoan hasi genuen denboraldia. 45 ginen, helduak batetik, gazteak bestetik, nork bere buruari begiratzen zion han. Ni, neure sokakoekin elkartu nintzen, ohi denez, Hernaniko Lujanbio, Sebastian Arruabarrena Astigarragakoa, Alkorta mutrikuarra…
Eta zer zen Amerika?
Hura deskubrimendua! Paisajea, klima, frontoia –leporaino beteta egunero–, neskak nonahi, ondo ikusiak gu pilotariok… Oso garai polita izan zen. Gure artean lehia handia zegoen; Tampan, gure frontoian lehia lasai xamarra, baina, Miamikoan, basatia. Gure hiria ere Miamikoa baino lasaiagoa zen, latino asko ere bai hemen, Kubatik joandakoak ere bai… Tampan, amerikarrak ziren gehienak. Han ere hizkuntza ikasi nuen, eta unibertsitatean ere hasi nintzen, zertarako ari nintzen jakin gabe ere.
Unibertsitatean ere ikasten pilotaria?
Bai. Kar, kar… Soziologia gaiak, antropologia… gai horietarako joera izan dut beti.
Ez ziren asko izango zure modukoak.
Ez, garai hartan batere ez. Gaur egun bai, badira unibertsitatean ikasten ari direnak. Konturatu dira pilota eta gero ere bizitza dagoela. Gure garaian bestela zen, erretiratu arte seguru zen pilotaria, hala ikusten genuen. Ni, 20 urte eta zerbaitekin ikasten hasi nintzen, baina presarik gabe. 40 urterekin ere jokatzen ikusten nuen neure burua. Bestalde, Euskal Herrira begira bizi nintzen, Trantsizioa ere hor zen. Han izan ez banintz, ez dakit non bukatuko nuen hemen. Gogoratzen dut bazela aldizkari bat, Triunfo, Alderdi Komunistarena, eta Eduardo Haro Tecglen-en artikulu onak. Zeruko Argia ere jasotzen nuen.
Argazkia: Zaldi Ero.
Zeruko Argia ere bai.
Bai. Floridan bizi nintzen, baina Euskal Herrira begira. Han baina hemen. Tampan eta Ocalan-en jokatzen nuen, eta bi hilabete Euskal Herrian izaten nintzen. Hurrena, Bridgeport-eko frontoira joateko eskaintza egin zidaten: bost-sei hilabeteko sasoia zen han, eta udako jaialdiak hemen. Barruan sartuta neukan honako gogoa, eta etorri nintzen. Eta emaztea izango nuena ezagutu nuen, ezkondu ginen, eta Bridgeportera etorri zen. Baina muturra hemen sartua neukan ordurako.
Greba sonatua etorri zen tartean.
1988an grebara jo genuen. Diru eskaerak izan ziren lehen gauza. Horretarako, jai-alai player -en [puntista jokalarien] sindikatua sortzea erabaki zen. Gainera, ni jokatzen ari nintzen frontoian sortu zen txinparta. Gernikako Pedro Olarretak deitu gintuen; zerbait esan nahi zigula. Panfleto bat irakurri zigun esanez enpresak soldatak bi halakotzen ez bazituen gose grebari ekingo ziola. Ez genion kasu handirik egin, baina intendenteak Olarretarena jakin zuenean kaleratu egin zuen. Hala ere, Olarretaren kezka hura jaso egin zuten batzuek, eta sindikatua sortzeari ekin zioten. Abokatu bat ere hartu zuten, eta aurrera. Gauza moderatu xamarra zela esango nuke. Gero, ordea, elementu muturrekoek hartu zuten prozesu haren gidaritza, enpresa beraren jarrera ere gogortu egin zen.
Lehertu egin zen gauza.
Enpresak gogor, eta jokalariak ere gogor. "Egurra eman beharra zagok hemen!", esan zuten batzuek, eta sekulakoa sortu zen. Euskaldun bero borrokalaria atera zen gure barruetatik, eta hordago handira! 600 bat pilotari greban, hamalau bat frontoi itxita Floridan eta Connecticut-en. Enpresak, orduan, eskirolak kontratatzen hasi ziren, amerikarrak batzuk, gure artekoak ere bai beste batzuk. Eta gutxieneko batzuk bete eta frontoiak atzera irekitzen hasi ziren. Jende gutxi bildu zen frontoietara, apustuak ere barregarriak, baina mugimendua puskatzeko itxaropenarekin enpresaburuak. Gu, berriz, piketeetan, frontoiei bueltaka, filmetan bezala.
Argazkiak ere badira.
Segituan konponduko zela uste genuena, bihurritu egin zen. Bide judizialetik jo zuen gauzak. "Lasai egon mutilak, denok hartu beharko gaituzte berriz, eta atzeratutako diruak ere jasoko dituzue", esaten ziguten gureek. Baina luze jo zuen, eta nik, halako batean, erabaki pertsonala hartu nuen. "Nik ez dut etorkizunik ikusten, banoak Euskal Herrira", esan eta etorri nintzen.
Zer diozu oraingo egunean greba gogor eta luze hartaz?
Oso gai konplexua da, oso konplexua, irakurketa eta bertsio ezberdinak baitaude. Momentu jakin bat gertatu zen, lidergoa ere halakoa, euskaldunon egoskorkeria ere hortxe… Ikusmoldearen arabera, gure jokabidea heroikoa izan zen, edo kixoteskoa. Borrokarako grina hura ikaragarria izan zen. Baina esan dizut, azkenean nik neure erabakia hartu eta etorri nintzen. Zenbait partida ere jokatu nituen hemen, baina gutxi batzuk besterik ez. Ilusiorik ez, goi mailan jokatzen segitzeko ere zalantzak, eta 1992an utzi egin nuen. 36 urte nituen, eta bitartean, greba hasi zenetik, bi urte egon nintzen xextoa hartu gabe.
Horrelaxe amaitu zen zure jai-alaia Amerikan, eta jai-alaia bera ere bai kasik.
Bai. Pilotari batzuk etorri egin ziren, nahiz eta gehienak han geratu, bizimodua han egina zeukaten eta. Nire anaia, adibidez… Azkenean, epaileek arrazoia eman zioten gure sindikatuari, enpresaburuak jokalariak berrartzera behartu zituzten, baina frontoia ez zen lehengora itzuli. Grebak iraun zuen bitartean, bestalde, era guztietako joko, loteria eta apustuak zabaldu ziren, eta kito frontoiak. Bata bestearen ondoren itxi ziren.
Jai Alai Blues dokumentalak horixe kontatzen du, partez.
Bai, bada. Gaur egun bi frontoi dira, bata erdipurdika. Are gehiago, legeak aginduta irauten dute frontoiek irekita, zeren apustu baimenari eutsi nahi badiote, jai-alai eskaintzera behartuta daude bi frontoi horiek irekita. Ez da inor ikustera joaten, baina frontoiak derrigortuta daude partidak antolatzera. Orain 70 bat pilotari izango dira han. Hemen eskuz ari direnak baino gehiago, hemen 48 baitira. Hala ere, ez dute zarata makala ateratzen. Kar, kar… | news |
argia-3176a8e79142 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/maria-solana.html | Irmo normalizazioaren bidean | Maria Solana | 2017-09-24 | Irmo normalizazioaren bidean
Gauza jakina da Nafarroako Euskararen Legeak hiru zatitan banatu zuela herrialdea, euskararen ofizialtasunari zegokionez: eremu elebiduna, zeinean euskararen lege-estatusa EAEkoaren parekoa zen; eremu mistoa, non herritarrek zenbait eskubide zituzten, tartean euskaraz ikastekoa, eta, azkenik, eremu erdalduna, inolako eskubide gabea.1986a zen.
Harrezkero, hurrengo hiru hamarkadetan, euskararen egoerak okerrera egin zuen Nafarroan Foru Administrazioari dagokionez: helduen euskalduntzea ekonomikoki itotzeko ahalegina, Euskalerria Irratia eta euskal hedabideen kontrako jokabidea, hezkuntzan euskaraz ikasteko Administraziotik behin eta berriz jarritako oztopoak. Egoera hainbeste gaiztotu zen, ezen 1998an Euskaltzaindiko presidente Haritschelharrek berak hizkuntza politika eztabaidatzeko bilera eskatu zion, jendaurrean, Miguel Sanzi. Alferrik: UPNren gobernuek, dekretuz dekretu euskararen kontrako neurriak hartzen jarraitu zuten (372/2000k euskararen ezagutza atzerriko hizkuntzaren pareko bihurtzen zuen eremu mistoko administrazioan; 29/2003 dekretua, esate baterako, Hezkuntzako 2016ko oposizioetan euskarazko lanpostuen kontra egiteko; azken hau Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautuko duen dekretu berriak indargabetuko du laster).
Lasai esan daiteke euskararen normalizazioa kosta ahala kosta eragotzi nahi zela. Erraz uler daiteke, beraz, mobilizazio sozialak bere jomugan izan izana Euskararen Legea.
Hiru hamarkadatan lege-hobekuntza gutxi izan ditu euskarak Nafarroan: 2010ean hiru udalerri igaro ziren eremu erdaldunetik mistora, baina benetako aldaketak geroago etorri dira. 2015ean aldaketa kualitatibo handia gertatu zen, euskaraz ikasteko eskubidea herrialde osoko hezkuntza publikora hedatuta; aldaketa kuantitatibo handiena 2017an gauzatu da: 44 udalerrik lortu dute eremu erdaldunetik mistora igarotzea. Bi-biak eskutik doaz, gaur egungo egoera sozialean ezinbestekoa baita euskararako eskubidea legeetan txertatzea, eguneroko praktikak jendartean normaltasunez finka dezan gero. Horretarako oinarrizkoa da Gobernua sustatzailea izatea, ez oztopo-jartzailea, baita guztiok jakitea ibilbidea eskubideen defentsan oinarriturik egingo dugula, horrek ematen baitigu nafar gizartearen babesa.
Etorkizunean lehentasunez aldatu beharrekoak gizartearen harrera eta jarrera dira. Nafar hizkuntza gatazka politikotik atera beharra dago, eta hori lortzea guztion erantzukizuna da. Indarrean dagoen lege markoak euskararen sustapenerako lan-esparru zabala eskaintzen digunez, langintza hori ahalik eta atarramenturik handienarekin egiten ahaleginduko da Gobernua. Parlamentuan Foru Lege berri bat onartzeko adostasuna lortzen ez den bitartean.
Finean bilatu beharko dugu nafar guztiek, ideologia zein duten ere, normaltzat hartzea euskara eta haren sustapena. Alegia, hizkuntzarekiko kontrakotasuna indargabetzea dugu eginkizun garrantzitsuenetako bat. Horretarako, euskararen normalizazioaren aldeko jarrera gizartearen sektore ideologiko guztietara hedatu beharko dugu, defendatzen duten planteamendu nazionaletik harago.
Maria Solana Nafarroako Hezkuntza Kontseilari eta gobernu bozeramailea da | news |
argia-c22f31fcc7e0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/hedoi-etxarte.html | Esloganak eta politika | Hedoi Etxarte | 2017-09-24 | Esloganak eta politika
2001eko irailak hamaikako atentatuen ostean. Urgentziaz. Susan Buck-Morss-ek Thinking Past Terror idatzi zuen. Liburu hark ez zuen hizkuntza eskubideez jarduten. Ezta hizkuntz politikaz ere. Mendebaldeko ezkerrari kritika egiten zion. Ez zituelako etxerako lanak eginak islamaren inguruan. Bere burua munduaren zentrotzat zeukalako. Bidegurutzeen garaietan. Krisietan. Buck-Morss-en bulkada imitatu beharko genuke eraldaketan parte hartu nahi dugunok: izan hizkuntz eskubideen militante, hiztun kontzientziatu, euskaltzale, kontseilari, guraso, aiton-amona, parlamentari, irakasle, pertsona ala Nafarroako lehendakari.
Zeren «hegemonia hesituta dagoenean, paisaia politikoa erasotzen denean, esanahien konplexutasunerako tolerantzia txikia dago». Eta konplexutasun hori gabe. Irakurketa kokatuak eta zehatzak egin gabe. Ez dago aurrerapauso posiblerik. Ordea, absente nabarmen bat da hori Nafarroa Garaiko –eta EHko– ia debate guztietan, konplexutasuna: dosierrak ez ditugu taxuz lantzen eta aztertzen, askoz erosoagoa eta praktikoagoa zaigu hiru-lau-bost hamarkadaz eslogan berak errepikatzen aritzea. Eta bitartean pasatzen dira ikasturte berriak, matrikulazio kanpainak, euskararen erabilera txostenak, araudiak.
Demografia eta hizkuntz eskubideak
Edozein politika publiko eztabaidatzen hasi aurretik begiratu beharko genioke demografiari.
Nafarroako populazioa nabarmen zahartzen ari da duela 35 urtetik. Horren ondorioz, helduen eta zaharren kopurua gero eta handiagoa da, haurrena txikiagoa –familien %26ak soilik dauzka haurrak–. Emakume bakoitzeko haur tasa 1,46koa da, hazkunde nulua izateko 2,1koa beharko luke. Etorkinik gabe Nafarroaren populazioak behera egingo zuen duela urte batzutatik. Eta afera da etorkin gero eta gutxiago jasotzen ari dela herrialdea. 2014-2029 biztanleen estimazioa %-0,2koa da (Nafarroako Estatistika Institutua).
Lurraldean aplikatuta, Iruñerria populazioa irabazten ari da. Iruñerriaren zentrotik kanpoko lurraldeak populazioa galtzen ari dira. Datuok Nafarroak dauzkan hiru erregimen linguistikoetan aplikatuta hauek dira ondorioak: 1991an Eremu euskaldunean populazioaren %10,91 bizi bazen, 2011an %9,25 bizi zen; Eremu mistoan %52,28tik %56,39ra igo da; Eremu ez euskaldunean %36,81etik %34,37ra. Datu hauek ez dute kontuan hartzen 2017ko ekainean 44 udalerri eremu ez euskaldunetik mistora pasa zirela. 40.000 biztanle gehiago, beraz, 400.000 biztanle dauzka eremu mistoak (Nafarroak, denera 644.000 biztanle dauzka).
Euskararen fight ak Iruñerrian gertatzen dira, demografikoki, ekonomikoki eta sozialki dinamikoena den eremuan: han dauzka euskarak hiztun gehien, han daude sortzen diren hizkuntz politikako kalapitak (izan Iruñeko haur-eskolekin zerikusia dutenak, izan Zizur Txikiak eremu mistotik irten nahi duela, izan eskola bateko gurasoek A eta D ereduaren lerroak bi zentro ezberdinetan nahi dituztela, izan euskalgintzaren A ereduarekiko mespretxu historikoa).
Adinari begira (Inkesta soziolinguistikoa 2011) –eta berriz ere gogoratuz haurrak direla piramideko tarterik txikiena– 5-14 tartekoen %30 dira elebidunak, 65 urtetik gorako %7,91 diren bitartean. Eta elebidun hartzaileak %16,46 dira 5-14 tartean eta %6 65 urtetik gorakoen artean. Erdaldunen datua plastikoagoa da: 5-14 tartean %51 da elebakarra, 65tik gorakoen artean %84 den bitartean. Euskara gazteen hizkuntza bat da, haurrena.
Datu plastiko bat: Iruñeak 16 urtetik gorako 169.000 biztanle dauzka. Horietatik 15.000 (%9,1) elebidunak dira, %9,3 elebidun hartzaileak, %81,7 erdaldun hutsak.
Ondorioa: lana
Demografiarekin bezala, eta xehetasunez, aztertu beharko genituzke hizkuntzaren orainarekin zerikusia duten ardatz guztiak –erakunde publikoekin ditugun harremanetan zenbateraino erabil dezakegun, NUPen, Lanbide Heziketan, merkataritzan, transmisioak nola funtzionatzen duen, hirigintzarekin ze harreman duen–. Horien guztien eboluzioak landu ostean, geurearekin antza izan dezaketen gizarte elebidunak begiratu beharko genituzke (Valentzia, Balear uharteak bereziki, baina baita EAE, Katalunia edota Galiza). Hango aziertoak gurean nola lan ditzakegun pentsatu.
Ondoren soilik jorratu beharko genuke etorkizunean nahiko genukeena, ze diskurtso eta estrategia nahi ditugun nora iristeko. Ostantzean, lema berriak asma ditzakegu, baina errealitatea eta jende xeheak euskaraz eta hizkuntzen ikasketez dituzten praktikak eta errelatoak beste toki batzuetan pentsatu eta zabalduko dituzte: ez euskaratik eta ez euskaraz. | news |
argia-228e474cc79d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/erika-lust-pornografia-feminista.html | "Emakumezkoei itzuli diet pornografiaren generoa" | Saioa Baleztena | 2017-09-24 | "Emakumezkoei itzuli diet pornografiaren generoa"
Zientzia Politiko, Feminismo eta Sexualitate ikasketak egin zituen Lundeko Unibertsitatean Erika Lustek (1977, Stockholm). Pornografia konbentzionala gizonezkoentzat egina zegoela ikusirik, helduentzako zinemagintza alternatiboaren aldeko apustua egin du Bartzelona bizitoki duen zinema zuzendari suediarrak.
Stockholmen jaio zinen baina Bartzelonan bizi zara. Nolatan iritsi zinen Kataluniara?
Erasmusek Madrilera eraman ninduen 22 urte bete nituenean. Ondoren Bartzelonara lan bila etorri nintzen, eta nola ez, itsasoa maite dudalako. Hasieratik argi izan nuen hemen geldituko nintzela.
Pornografia oro har gizonezkoentzat dago egina. Eboluziorik egon al da sektorean?
Gaur egungo pornografiak ez du zerikusirik 70eko edo 80ko hamarkadetakoarekin. Nik punish fucking gisa definitzen dut. Sexua ez da agertzen pertsonek egiten duten zerbait bezala, baizik eta emakumezkoak gizonezkoari egiten dion hori bezala. Gogoeta kritikoa egiten duen edonor konturatuko da sarean dagoen pornografia osoaren %99k emakumea irudikatzen duela gizonezkoei
plazerra emateko lanabes gisa. Pornografiaren industria gizonezkoaren begiradan oinarrituta dago. Nik emakumezkoari itzuli diot pornografiaren generoa: emakumeok ere bagara izaki sexualak.
Badago uste duenik pornografia konbentzionala gure gizartearen erakusleiho dela. Ados zaude?
Internetek errotik aldatu du baina, era berean, ez du pornografia jabez aldatu. Gizonezkoen fantasiak ekoizten dituzten gizonezkoek menderatuta jarraitzen du. Artista, sortzaile eta intelektual gutxi dago sektorean. Gaur egungo pornografia McDonald's-aren gisakoa da, merkea, eta oro har ez osasungarria. Une batez asetzen zaitu, baina irentsi ondoren gaizki sentiarazten zaitu, emakumea agertzen den moduarengatik.
Erreferentziarik izan duzu?
Uste dut pornografiaren urrezko aroko filmak interesgarriak direla. Gidoiak eta pertsonaia interesgarriak zituzten eta zinema kameren bitartez grabatzen ziren. Hala ere, genero honek sekulako potentziala du eta uste dut inork ez duela jakin hori ustiatzen. Nire erreferenteak beraz artean, argazkilaritzan eta zinema konbentzionaletan daude gehiago.
Nolakoak izan behar dute zure filmetan parte hartuko duten aktoreek?
Nire balore eta ikuspegiekin bat datozen pertsonekin lan egitea gustatzen zait. Bi baldintza ditut. Bata gorputz naturalak
izatea, operatu gabeak. Bigarrena, eta oso garrantzitsua, 21 urtetik gorakoak izatea. Uste dut esperientzia sexuala izatea
eta helduentzako zinema egin nahi dutela argi izatea garrantzitsua dela.
"Gogoeta kritikoa egiten duen edonor konturatuko da sarean dagoen pornografia osoaren %99k emakumea irudikatzen duela gizonezkoei plazerra emateko lanabes gisa". (Arg.: Erika Lust films)
Noizbait erran izan duzu gizartea pornifikatuta dagoela. Zergatik?
Pornografia konbentzionala hedabideetan sartu da, dagoeneko ez dago ezkutatuta, hedapena du. Begiratu Pornhuben iragarkiak, denek dituzte milioika ikustaratze… Pornhubek eduki propiorik ere ez du, ekoiztetxeetatik ebatsitako edukiak erabiltzen ditu, erabiltzaileek igotzen duten edukiari erreparatu gabe. Eta ez dut inoiz ikusi, emakumea nola erabiltzen den zalantzan jarri duen gizonik. Kontrakoa, jendeak txalotu egiten ditu. Hain ohituta daude normaltzat ikusten baita.
2014an XConfessions.com egin zenuen. Zer zen zehazki?
Webgune bat da, erabiltzaileek euren fantasia sexualak edota historia intimoak idazteko pentsatua. Nahi den hizkuntzan idatzi daitezke. Nik ikusten ditut eta hilabeteko bi aitormen aukeratzen ditut webgunean bertan publikatzen ditugun film laburrak grabatzeko.
Hiru urte beteko ditu egitasmoak aurten. Nola joan da?
Oso ongi! Enpresa izugarri handitu da. Irailean 10. bolumena publikatuko dugu eta dagoeneko 100 film labur egin ditugu. Mezu asko jasotzen ditut, gizonezkoena eta emakumezkoena, halako espazio bat sortzeagatik zoriontzen nautenak.
Baikorra zara? Uste duzu pornografia konbentzionalak egingo duela emakumezkoen aldeko begiradara biraketa?
Pornografia konbentzionala ez da desagertuko. Tira, ez dago zentsuratu beharrik. Bakoitzak ikus dezala nahi duena. Baina gaur egun badago helduentzako zinema alternatibo baten eskakizuna. Egin behar dena da ekoizpenaren kontzientzia sustatu. Industrian parte hartzen dugun agente guztiek haren inguruko eztabaida sustatzeko ordua da. Eta bide batez, gure seme-alabekin hitz egin behar dugu pornografiaz. Edozein momentutan egingo dute horrekin topo eta arazo horri aurre egin behar diogu. Horretarako sortu dut, Pablo Dobner nire senarrarekin batera, thepornconversation.org , irabazi asmorik gabeko egitasmoa. | news |
argia-40ba26996d4e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/inma-errea.html | Diskurtso handirik gabeko diskurtsoak | Inma Errea | 2017-09-24 | Diskurtso handirik gabeko diskurtsoak
Zer da diskurtso bat? Diskurtso bat eduki behar dugu, beti, edozein gairi buruz? Zergatik egiten ditugu diskurtsoak, eta zertarako?
Garai batean, diskurtso bat norbaitek jendaurrean jaurtitzen zuen hitz-parrastada bat baino ez zen, sermoi baten antzera traketsago edo dotoreago osatua, oratoria eta erretorika baliatuta, besteak beste.
Orain beste mota bateko diskurtsoak ere hedatu dira, eta horiek interesatzen zaizkit hemen: gai jakin baten inguruan dugun iritzi antolatu samarrak, komeni denean aldarrikatzekoak.
Euskarari buruz, kasu.
Diskurtsoa behar omen dugu euskararen inguruko iritziak eta jarrerak erakusteko, eta, batez ere, euskararen aldeko estrategiak hezurmamitzeko.
Hiztunok diskurtsoak eratzen ditugu geure –eta besteen– hizkuntzei buruz, oro har gurea beste hizkuntza batzuen ispiluan alderatuta. Hizkuntza-aniztasuna medio, neke da irudikatzea besterik: balizko egoera bat non hiztunak beren hizkuntzari buruz gogoetarik egin gabe bizi baitira, beste ezein hizkuntzaren berririk ere ez dutelarik.
Bestalde, agerian da nork duen, non eta noiz, bere hizkuntzaren aldeko diskurtso baten edo gehiagoren behar larriagoa: zenbat ere seguruago hiztunak beraien hizkuntzarekin –zenbat eta ziurrago izan zernahitarako erabili ahal dutela–, orduan eta txikiago diskurtsoen beharra.
Euskaldunok, euskararen babes-behar handiaren kariaz, diskurtsoak makulu hartuta ibiltzen gara gehienetan, inguruko hizkuntza boteretsuen haizea kontra dugularik ia beti, hiztun gisa arrastaka daramagun ahulezia gorria agerian.
Diskurtsoek, maiz, gure ahuleziak islatzen baitituzte, salatu. Hala gertatzen da, adibidez, gazteei euskaraz mintzatzeko esaten diegunean, euskara ez galtzeko, bestela euskara galduko delakoan: esan gabe ari gara esaten euskarak euskaldunon beharra daukala, eta ez guk euskararena. Errealitate alderantzizkatua: kontrara jokatu behar izaten dugu –hiztunak hizkuntzaren alde–, non eta normalena baita, naturalena, hiztunek beraien aldeko tresna huts gisara erabiltzea hizkuntza.
Horregatik kezkatzen naute hizkuntza defendatzeko diskurtsoek, beharrezkoak izanagatik ere diskurtso-egileok nahi dugunaren aurka egin dezaketelako, oharkabean.
Horregatik nahiago ditut hiztunen nahia aldarrikatzen duten diskurtsoak –"euskaraz bizi nahi dut"–, euskara pertsonifikatzen dutenak baino –euskara maite dutela dioten askok gehiegizkoak jotzen baitituzte gero euskararen erabilpen zehatzak–. Nahiago egoera jakin baten aurrean indartsu sortzen diren aldarriak, hizkuntzaren aldarrikapen abstraktuak baino.
Nahiago diskurtso txiki askotarikoak eta malguak, unean-unean eta tokian-tokian egoerari aurre egiteko unean uneko eta tokian tokiko baldintzak kontuan hartzen dituztenak, diskurtso bakar erraldoi eta zurrun bat baino.
Eta nahiago diskurtso handirik gabe errealitatea eraldatzera jotzen duten ekimen xume eraginkorrak, hizkuntzaren erabilera justifikatzen ibili beharrik gabe zuzenean hizkuntza dantzan paratzen dutenak, behar den tokian. Gure ahoan.
Inma Errea Iruñeko Udaleko euskara zerbitzu burua da | news |
argia-6558e56749b8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/arabako-alea-aldizkaria-eta-hala-bedi-irratia.html | "Lehen patatero deitzen ziguten mespretxuz, orain harro esaten dugu" | Axier Lopez | 2017-09-24 | "Lehen patatero deitzen ziguten mespretxuz, orain harro esaten dugu"
Aurtengo ARGIA Egunak Gasteizen lur hartuko du urriaren 7an. Hiriburu batean egiten dugun lehen aldia da. Eta ez da kasualitatea Arabakoa aukeratu izana. Ezer gertatzen ez den 8. lurralde erdaldunean. Hori diote aurreiritzi zaharrek. Eta, ohi bezala, egia ezkutatzeko besterik ez dute balio. Arabako gure konplizeek ondo baino hobeto dakite hori. Igor Goikolea eta Maialen Kortabarria (Hala Bedi) eta Aritz Martinez de Lunarekin (Alea) hitz egin dugu.
Zergatik dute hain presentzia txikia komunikabideetan Arabak eta Gasteizek?
Aritz Martinez de Luna: Arabaz kanpoko hedabide gehienek ez dute presentziarik hemen, bertako jarraipena egitea zaila egiten zaie. Oihartzun handiko gaiei egiten diete kasu edo bestela –guk erredakzioan sarri erabiltzen dugun txantxa– "eduki exotikoak" direnean: Trebiñu, Errioxa, euskara eta ez dakit zelango aztarnak nahastuta. Egunerokotasunean gertatzen zaigunak, orohar, oihartzun txikia izaten du hemendik kanpora.
Igor Goikolea: Gehienbat Gasteizen zentratzen dira eta hemen dauzkaten baliabide gutxi horiek Legebiltzarrera bideratzen dituzte. Araban Euskal Herriko biztanleriaren %10 bizi da eta arabarren %80a Gasteizen dago. Hori ez da gainerako herrialdeetan gertatzen.
Maialen Kortabarria: Araba eta Gasteiz ahaztuak izan dira Euskal Herrian, batez ere herri mugimenduaren ikuspegitik. Orain dela urte batzuetatik hona Araba eta Gasteiz bizi-bizi daude. Halere, hedabide asko oraindik ez dira moldatu egungo egoerara. Hemen gertatzen diren gauza interesgarriak askotan hemen geratzen dira.
I. Goikolea: Hori aldatzen ari da. Hemengo kontuak kanpora sarriago ateratzen ari dira eta, apaltasun osoz, horretan zerikusi handia izan dute Aleak eta Hala Bedik. Lehen agenda erabat markatzen zutenak beste batzuk ziren. Euskal Herriko beste hedabide batzuekin dugun elkarlanak, adibidez zuekin, ARGIArekin, asko lagundu du horretan. Modu formal eta informalean dugun hartu-emana oso positiboa izan da, eta aztertzekoa.
Zer itxura hartzen diozue panorama komunikatiboari?
I. Goikolea: 300.000 biztanle izanda, Araban oso proiektu komunikatibo interesgarriak daude. Alea eta Hala Bediz gain, adibidez, askotan oso urrun geratzen zaigun Aiaraldea eskualdean oso proiektu potentea daukate. Hala Bedi, Alea, Aiaraldea eta abar, hein handi batean asmatzen ari gara: etengabe egoera berrietara moldatzeko gaitasuna erakutsi, tresna berriekin esperimentatu, internet eta sare sozialetan indarra jarri, edukiak kanpora atera…
A. Martinez de Luna: Hedabide handiagoek egitura zurrunagoak dauzkate, aldatzea gehiago kostatzen zaie. Araban tradizionalak diren prentsa idatzizko hedabideek, El Correo , Diario de Noticias de Alava eta enparauek, duela 10 edo 20 urteko planteamendu eta formatu bera dute. Gu, gure gabezia guztiekin, aukera berriei probetxua ateratzeko prestuagoak gara.
I. Goikolea: Hori posible izan da ausartak garelako. Alea sortu da ausartak izan zaretelako. Txikiak izanda, errazago egiten dira aldaketak. Nahi dugu, posible da, egin dezagun. Kito.
Zeintzuk izan dira Hala Bedi eta Alearen ekarpenik handienak?
A. Martinez de Luna: Behar bati erantzuna eman diogu Alea rekin: Arabako informazioa Arabarentzat euskaraz eta arabarrek eginda. GEU euskara elkartetik sortutako proiektua da eta GEUk 25 urte daramatza euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzen. Beraz, gure helburua ere horixe da.
I. Goikolea: Hala Bedik 35 urte beteko ditu 2018an. Sortu zenean artean jaio gabe ginen, baina ordutik hona gauza bat ez da aldatu: belaunaldi askorentzat Hala Bedi izan da esperimentatzeko lekua, askatasun txoko bat. Nahi zutena nahi zuten unean egin eta esateko tokia. Eta gainera, hitza zabaltzeaz gain, eragile askori komunikazioan trebatzeko aukera eman die. Jende ezberdina elkartzeko eta ezagutzeko balio izan du irratiak.
M. Kortabarria: Hala Bedi uhinetan soilik egotetik, sarean, bideoetan eta sare sozialetan ere badagoen komunikabide bilakatzeko prozesua bizi izan dugu guk. Ahotsik ez daukaten eragile, kolektibo eta mugimenduei ahotsa ematen jarraitu dugu, baina orain bide gehiagotatik. Lehen irratian ez zegoen unean uneko jarraipena eta orain hori ere egiteko moduan gaude. Salto horrek ekarpen handia egin dio herri mugimenduari.
"Arabarrok ahaldundu gara, gauza berriak sortzeko. Oso erraz sortzen dira taldeak. Txikitik, bertakotik abiatzeko joera dugu"
Mugimendu asko eta akotarikoak dituen hiri bizia ematen du Gasteizek. Hala bizi al duzue barrutik?
A. Martinez de Luna: Bai, eta igartzen da. Beti esan izan da Gasteiz burges txikien hiriburua zela eta ez zela ezer gertatzen. Lotsa gainetik kentzen joan gara eta pixkanaka mugimendu gehiago agertu dira. Lehen patatero deitzen ziguten mespretxuz. Egun nik neuk esaten dut patateroa naizela, harro.
I. Goikolea: Beste leku askotan elkar ikusi ezin zuten taldeak hemen ondo konpondu izanak lagundu du. Oso erreza da Gasteizen ideologia ezberdinetako pertsonak elkartzea (Gora Gasteiz, Hala Bedi, gaztetxea…).
A. Martinez de Luna: Mugimendu sozialen pizgarri nagusia jende gaztea izaten da eta Gasteizen eragin handia izan du unibertsitateak. Euskal Herri osoko jendea etortzen da gurera ikastera eta horrek aipatutako aniztasuna areagotu du. Kike Amonarrizek dioenez, Gasteiz izango da etorkizuneko euskalki baten sorgunea, hemen biltzen delako jende popourri bat.
M. Kortabarria: Gasteiz bizirik dago. Arabarrok ahalduntze prozesu bat eduki dugu. Guk, euskalkirik gabe euskaraz hitz egiten dugu eta horregatik ez gara beste inor baino gutxiago. Konplexu horiek gainetik kentzen ari gara arabar guztiok.
I. Goikolea: Ahaldundu gara, gauza berriak sortzeko. Oso erraz sortzen dira taldeak. Txikitik, bertakotik abiatzeko joera dugu. "Goitik" edo "handiek" esango dutenaren zain egon gabe, beharra ikusten bada, elkartu eta kito. Eta askotan instituzioez paso eginda. Errekaleorreko ekainaren 3ko manifestazioa horren isla izan daiteke, herri mugimendu osoak instituzioei esan zien "gu ere bagara nor, guk ere egunero egiten dugu lan".
Javier Marotoren lau urte luzeen ostean, agintaldi honetan aldaketa gertatu da Udalean.
A. Martinez de Luna: 2015eko urtarrilean sortu zen Alea eta aldaketa ekainean izan zen. Tarte txiki horretan PPrekin ez genuen harreman txarrik. Esango nuke beren politika zelako "hauei emaiezu eskatzen dutena eta hala bakean utziko gaituzte". Gobernu berriarekin hartu-emana estuagoa da. Elkartzeko arazo gutxiago dago.
Aldaketa hori beharrezkoa zen. PPk Gobernuan jarraitu izan balu, Maroto beste 20 urtez geratzea zen arriskua. Horrelako kasuetan, alderdia baino pertsona bilakatzen da botoak jasotzen dituena. Alde horretatik, aldaketa ez da ideala, baina positiboa da.
Lehen aipatutako herri mugimenduaren pizkundea aurreko gobernuaren jarrerarekin oso lotuta dago. Hori da PPk Gasteizi egindako ekarpena.
"Herri mugimenduaren pizkundea Marotoren gobernuaren jarrerarekin oso lotuta dago. Hori da PPk Gasteizi egindako ekarpena"
Marotok ez du inoiz Hala Bedin hitz egin eta Urtaranek gaztetan saio bat izan zuen Hala Bedin urtebetez.
M. Kortabarria: Hala da, baina alkatea denetik ez zaio irratia asko gustatzen. Errekaleorren harira, argi geratu da.
I. Goikolea: Hirutan edo hitz egin izan du irratian alkatea denetik, baita gobernuko beste kide batzuek ere. Halere, nik ez dut aldaketa handirik sumatu.
Aldaketa nabarmenik izan bada, euskararen arloan izan da. Egun, Donostiaren ostean, Gasteiz da Euskal Herriko hiribururik euskaldunena, erabilerari dagokionez.
A. Martinez de Luna: Jendeari esaten diozunean, ez du sinesten. Umea nintzela, euskaraz baten bat entzutean buelta ematen nuen begiratzera ea zein zen, harrituta. Egun, aldiz, edozein tokitan entzun dezakezu jendea euskaraz.
M. Kortabarria: Nabari da gure hartzaileak gero eta euskaldunagoak direla. Euskarazko saioak gero eta ezagunagoak dira. Suelta la Olla erdarazko magazineak nagusi izaten jarraitzen du, baina Araba Hizpide euskarazko magazinea gero eta indar handiagoa hartzen ari da.
I. Goikolea: Irratia sortu zenean erdara hutsean zen, eta egun Hala Bediko saioen erdia euskaraz da. Irrati barruan ere, gero eta euskara gehiago entzuten da. Euskaraz eta gaztelaniaz gain, arabieraz, ingelesez eta galegoz ere saioak dauzkagu.
M. Kortabarria: Gasteizko euskalduntze prozesuaren erakusgarri da Hala Bedi Bi. Euskara hutsezko irrati bat behar zen Araban. Oso apustu ausarta izan zen. Hala Bedi Bi ez da lehen katearen mailara heldu, baina, hala jarraituz gero, noizbait irits daiteke. Kontua da Hala Bedi Bateko programazioaren zati garrantzitsua euskaraz denez, euskaldunek ez dute zertan Hala Bedi Bira jo euskara entzuteko. Iritzi ezberdinak daude bi kateen arteko harremanari buruz.
Tokiko komunikabide askotan agenda eta kirol kontuak dira nagusi, iritziz eta balorez askotarikoa den euskal komunitatean frikziorik ez pizteko. Alea n, zorionez, ez du ematen hala gertatu zaizuenik.
A. Martinez de Luna: Bai, tipologia askotariko irakurle eta harpideak ditugu eta, beraz, badakigu batzuetan gure edukiak ez direla denen gustukoak izango. Eta normala da. Ahalik eta komunikabide irekiena izateko egiten dugu lan. Ez gara inorekin ezkonduko eta saiatzen gara, ahal den guztietan, denei ahotsa ematen.
Guretzat errazena litzateke kirol arloko gaiak lantzea, denak goaz Alaves-ekin eta Baskoniarekin, eta guztiak poz-pozik. Bada, hain justu, horiei buruz urtean laupabost albiste argitaratu ditugu. Kirola beste ertz batzuetatik landu dugu: inklusibitatea, parekidetasuna eta abar. Ez dugu bilatzen denon gustukoa izango den gaia. Hori ez da interesgarria eta, kazetaritza ikuspuntutik ere, luzera begira ez da emankorra.
I. Goikolea: Guri ere alde bateko eta besteko kritikak heltzen zaizkigu. Baina zeozer ondo egiten ari gara; eragile eta pertsona gehienek Alea n edo Hala Bedin agertzeko interesa eta prestutasuna adierazten dituztelako.
Zeintzuk dira zuen erronka nagusiak?
A. Martinez de Luna: Ezin gara konformatu proiektua martxan jartzearekin eta ekonomikoki bideragarria izatearekin. Hori bada planteamendua, hemendik bost urtera akabo. Hazten jarraitu, konplexuak gainetik kendu eta ahalik eta irakurle gehienengana iritsi behar dugu erreferentea izateko.
I. Goikolea: Hazi behar dugu gure burua etengabe moldatuz, gauza berriak sortuz. Prozesu bat abiatu dugu. Bost eztabaidagai dauzka: Hala Bedi Bat, Hala Bedi Bi, multimedia, funtzionamendua eta barne mailako prozesu feminista.
M. Kortabarria: Bi erronka nagusi ikusten ditut. Batetik, epe motzean, bideratzen ari garen prozesua ahalik eta parte-hartzaileena izatea, Hala Bedi birdefinitu eta indartsuago ateratzeko. Bestetik, Gasteizko mugimendu zabal hori komunikatiboki ahalduntzen lagundu beharko genuke. Mugimendu askok eta askok dependentzia handia dute, gabezia komunikatiboak dituztelako. Hala Bedik eta Alea k lagundu dezakegu eta horregatik, adibidez, antolatu ditugu irailean Izan Media tailerrak.
I. Goikolea: Herri mugimenduaren agenda lehen lerrora ekartzen lagundu behar dugu, denon eragiteko gaitasuna handitzeko.
A. Martinez de Luna: Oso eskertzekoa da hedabideen artean dugun lankidetza, Hala Bedirekin eta tokiko zenbait hedabiderekin. Gure artean ez dago lehiarik. Edukia ahalik eta gehien zabal dadin egiten dugu lan, hori nork egiten duen bigarren mailakoa da. Denon mesederako da eta. | news |
argia-087652427895 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/tren-mantso-horrek-merezi-al-du-hausturarik.html | Tren mantso horrek merezi al du hausturarik? | Fermin Erbiti | 2017-09-24 | Tren mantso horrek merezi al du hausturarik?
Orain arte mantso-mantso joan den tren lasterraren proiektuak arrakala sortu du Nafarroako Gobernuari sostengua ematen diotenen artean. Geroa Bai azpiegituraren aldekoa den bitartean, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra aurka daude. Gure gogoa holako loturak egiten trebea baita, nik tren lasterra kontzeptua entzuten dudan bakoitzean pasadizo bat gogoratzen dut: XX. mende hasierako baserritar bikote ezkonberria Irunera joan da, Madrilerako trena hartzeko. Sekula holakorik egin gabeak izanik, pozik daude oso, ezkonbidaia lehenbizikoa eta azkena ere izan zitekeela jakitun.
"Goizian irten Irundik eta/iluntzerako Madrila". Txirrita -k kantatu bezalako bidaia luzea da hori: hamabi ordukoa. Ezkonberriek ibilbidea egin duten egunean, ordea, Norteko Ferrokarrila uste baino azkarxeago joan da. Abiatu direnetik hamaika ordura Madrilen dira gazteak. Eta zein da bikotearen erreakzioa? Gaurko talaiatik begiratuta harrigarria iruditu arren, goibel daude biak, bidaia uste baino laburragoa izan delako. Bidaiatik ordu bat kendu dietela iruditzen zaie.
Berriki jakin dugunez, Estatuak hartuko du bere gain obra lanen kudeaketa osoa, Nafarroako Gobernuak horretan aitzina egiteko asmorik ez duela argudiatuta. Albistea pozgarria ez izan arren, alde onik ere badu: gaiak laukoan sorturiko tentsioa gutxitzen lagungarri izan daiteke
Abiadura handiko trena ezagutu ez zuen bikote hark, seguruenik, guk baino gehiago zekien bizitzaren bidaiaz. Gauza jakina da orain oso azkar bizi garela, azkarregi. Eta bidaiatu ere horrela egin nahi dugu: ziztu bizian batetik bestera, ahalik eta azkarren heltzeko, helmuga besterik ez gogoan. Trenean ere, trepeta elektronikoren bat mahai gainean paratuta joanen gara, telefonoari etengabe begiratuz, kaskoak belarrietan jantzita. Paisaiari eta ondoan dugunari kasurik egin gabe, hori dena denbora galtze hutsa delakoan. Gaurko gizartean ahantzirik dago bidaiaren plazera, erremediorik gabe.
Eta erremediorik izanen al du etorkizuneko trenak laukoan sortu duen pitzadurak? Geroak esanen digu. Berriki jakin dugunez, Estatuak hartuko du bere gain obra lanen kudeaketa osoa, Nafarroako Gobernuak horretan aitzina egiteko asmorik ez duela argudiatuta. Albistea pozgarria ez izan arren, alde onik ere badu: gaiak laukoan sorturiko tentsioa gutxitzen lagungarri izan daiteke. Nire ustetan, aldeko zein aurkakoek tren lasterraren orain arteko abiadurari erreparatu beharko liokete, desadostasunak hausturarik ez duela merezi frogatzeko. Esan bezala, proiektua Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen zituen Plazaola zaharra baino mantsoago ibili da orain arte, hemen eta Estatu osoan; eta legegintzaldia amaitzeko falta diren bi urteetan ere, nekez hartuko du abiadura handirik. | news |
argia-cfc186f3b89a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/ikusezinak-sarituz.html | Ikusezinak sarituz | Eneko Olasagasti | 2017-09-24 | Ikusezinak sarituz
Seguruenik nire ikasle izandakoek berehala ezagutuko dute segidan kontatuko dudan anekdota. Gehien errepikatu dudana izan da, niretzat behintzat irakaspen handia ekarri zuelako.
Carlos Zabala eta biok zuzendu genuen lehen filma, Maité , muntatzen hasteko unean zen. Igara auzoko lokaltxo batean antolatua zen ekoiztetxea, ordu mordoa pasako genuen lantokia. Bertaratu ginen lehen egunean muntatzaileak, Antonio Reinak, sartu eta botepronton ondorengo galdera bota zigun: "Zein da gela honetako tresnarik garrantzizkoena?". Garai hartan, 1994. urtea, filmak mobiolan muntatzen ziren, 35 milimetroko pelikula guraizez moztuz eta zatiak zeloz pegatuz. Carlos eta biok elkar begiratu genuen eta aurrean genituen tresnetan zein izango zen inportanteena asmatzeko ahaleginean jardun genuen. Izenak botatzen hasi ginen: "Pelikula?". "Ez", erantzun zigun Antoniok. "Mobiola?". "Ez". "Pantaila?". "Ez". "Guraizeak?". "Ez". "Zeloa?". "Ez". Jode! Ez zen bada, aipatzeko askoz tresna gehiago geratzen... "Errodajeko kamara partea?". "Ez". Non zegoen, ba, trukoa? Ez dakit horrela izango zen, baina Antonio irribarrez imajinatzen dut gure aurpegi inozoei begira. Eta asmatzen ez genuela ikusita, berak mahai ondora begiratuz, zakarrontzia seinalatu zuen. "Zakarrontzia?". Guk. "Bai, zakarrontzia", esan zuen, eta "zenbat eta beteago egon pelikula hobea izango da".
Askotan gogoratu izan dut nire bizitzan pasarte hura eta ez soilik zerbait muntatzen aritu naizenean. Pasarte hura berriro etorri zait gogora egun hauetan ospatzen ari den Zinemaldiko Zinemira saria Julia Juaniz muntatzaileari emango diotela jakin dudanean. Izugarri poztu naiz. Ezagutzen dudalako batetik, eta bestetik gure munduko ofizio ikusezin bat, beste askoren artean, ordezkatzen duelako. Eta gainera emakumea delako. Luze joko luke haren curriculuma azaltzeak, eta ez daukagu horretarako tokirik hemen, baina izen handiko zinemagile askoren zakarrontzia betetzen aritu izan da urtetan. Eskertzekoa da, benetan, Rebordinos eta koadrila berarekin gogoratu izana.
Sariak banatzeko orduan, hor daukagu Zinemaldiko ikurra den Donostia Saria, aktoreak dira aukeratuak. Behin eman zioten Francis Ford Coppolari eta bada esaten duenik, gaur egun, zergatik diren beti aktoreak. Eta gehienetan kanpotarrak. Baina hori ez da gaurko gaia. Zinemirarekin ez da berdintsu gertatzen, saritu izan baitira musikariak eta argazki zuzendariak, makillatzaileak... Agian non aukeratu zailagoa delako? Ezetz pentsatu nahi dut. Eta horregatik poztu naiz. Julia bezalako langile ikusezin askoz beteta baitago zinema mundua. Hala ere, alfonbra gorriak markatzen duen bidetik ibiltzea gustatzen zaigu. Eta aitzakia ona da armairuan gordeta dugun jaka amerikana edo soineko eder bat janzteko. Zu txalotzeko jantziko dut, Julia. | news |
argia-e351a0c80b68 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/belaunaldi-berriko-merkataritza-itunak.html | Belaunaldi berriko merkataritza itunak | Aiala Elorrieta Agirre | 2017-09-24 | Belaunaldi berriko merkataritza itunak
Duela gutxi arte arrotz ziren guretzat TTIP, CETA eta gisa bereko merkataritza itunak. Belaunaldi berriko merkataritza akordioak dira, eta elite pribatuen interesak indartzea helburu izanik, boteretsuenen alde egiteko tresnak.
Bestela esanda, jabekuntza–desjabekuntza prozesuak areagotzen dituzten makineria dira: nazioarteko enpresak geroz eta eskubide gehiagoren jabe izan daitezen, pertsonak, jendartea, gizarte antolatua, emakumeak, etorkinak, langileak, ingurumena eskubidez desjabetzen dituzten bitartean. Harvey urakanaren irudira, parean duten guztia suntsitzeko gaitasuna dute akordio horiek. Harvey geografoak ezin hobeto jaso zuen "desjabetzearen bidezko metaketa" kontzeptuaren barruan bete-betean erortzen dira.
Belaunaldi berriko akordio horien amarruetako bat, Inbertsore-Estatua auziak ebazteko aurreikusten diren tribunal pribatuen sistema dugu. Mekanismo horri esker, enpresa transnazionalek zabalik dute zuzenean herrialde bateko gobernuaren aurka egiteko bidea. Esate baterako, eskualde jakin bateko gobernuak bere esparruan enplegu lokala sustatzeko gaitasuna ezabatuko litzateke. Merkataritza-pakete horien bitartez bermatu nahi da atzerriko edozein enpresak, tokian tokiko enpresen eskubide berberak izango dituztela. Argudio nahikoa da hori enpresa transnazionalentzat, tokian tokiko gobernuen aurka auziak irekitzeko. Auziok, isun ekonomiko astronomikoak ekartzeaz gain, demokraziaren aurkako eraso larria dira. Izan ere, tokian tokiko gobernuen burujabetza odolustuta geratzen baita.
Akordio Transpazifikoak (TPP) Ozeano Barearen inguruko hamabi estatu biltzen ditu (Japonia, Kanada, Malaysia, Singapur...) eta harritzekoa badirudi ere, AEBen ezezkoa izan zen 2017ko urtarrilean akordioa bertan behera utzi zuena. Zenbait komunikabide eta botere ekonomikok haustura hura Donald Trumpekin erlazionatzen duten arren, badago bestelako azalpenik. Egiatan, Trump gobernura heldu baino hilabete batzuk lehenago, hitzarmena erorita zegoen AEBetan: mugimendu sozial eta sindikalaren indarrari esker, Barack Obamak ez zuen behar adina sostengu lortu TPP aurrera ateratzeko.
Gizartearen presiorik gabe, CETA EBren erabateko eskumeneko akordiotzat joko zen eta Europako Kontseiluak eta Parlamentuak onetsi beharko lukete soilik. Baina gizarte presioaren ondorioz, Europako Batzordeak onartu behar izan du akordioak EBko estatu kideen eskumenak ukitzen dituela eta beraz, izaera mistoa duela
Europan ere protesta antolatuak bere emaitzak jaso ditu TTIP eta CETAren aurkako borrokan, beren onarpena kolokan jartzeraino. Gizartearen presiorik gabe, CETA Europar Batasunaren (EB) erabateko eskumeneko akordiotzat joko zen eta Europako Kontseiluak eta Parlamentuak onetsi beharko lukete soilik. Baina gizarte presioaren ondorioz, Europako Batzordeak onartu behar izan du akordioak EBko estatu kideen eskumenak ukitzen dituela eta beraz, izaera mistoa duela. Hori dela eta, onartua izan dadin 28 estatu kideek eta zenbait gobernu erregionalek berretsi behar dute.
Akordioen bultzatzaileak, tamalez, etengabe azpilanean ari dira eta mehatxu berria jaurti dute berriki EBtik. Jean-Luc Demartyk –Europako Batzordeko Merkataritza saileko arduradunak– aditzera eman du aurrerantzean merkataritza hitzarmenak berresteko bidea aldatu nahi dutela. Aldatu -rekin esan nahi du: akordioen berronespena azkartu eta bidean sor daitezkeen trabak aurretik kendu. Finean, akordioak gaika apurtuta EBko herrialde kideen parte-hartzea saihestu nahi da. Horrela, lehenik eta behin Europako Batzordeak EBren eskumen esklusiboak ukitzen dituen kapituluak hitzartuko lituzke eta kanpo geratzen diren gaiak, gerora, banan-banan negoziatuko lirateke.
Harvey -ren atzetik Irma heldu da bidean topatu duen oro astinduz. Belaunaldi berriko merkataritza akordioak, izenez eta formaz mutatzeko diseinatuta daude, kosta ahala kosta, beraien egitekoa burutu dezaten: desjabetzearen bidezko pilaketa. | news |
argia-04d40563b2c2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/epika.html | Epika | Edu Zelaieta Anta | 2017-09-24 | Epika
Epika itzuli da gure karrika-kaleetara ikasturte berriarekin batean. Erraz sumatzen da hori, adibidez, Gasteiz batean. Espainiako saskibaloi selekzio maskulinoaren kartelak ez du zalantzarako zirrikitu handirik uzten, ez jokalarien poseak, ez idatziz ageri den mezuak. Kausa noble baterako garaipenak epika behar du. Epika merezi du.
Globalak eta postmodernoak garen honetan, odola eta izerdia agertzen dituen epika maite dugu, betiko maitasuna maite dugun bezalaxe. Eta ez naiz ari Espainiako espiritua elikatzeaz bakarrik: Euskal Herriko sinbologiarekin jokatzen duten Alaveseko nahiz Baskoniako kartelek ere argi erakusten dute hori, bai bazkide berriak lortzeko kanpainaren bitartez, bai hurrengo partida iragartzeko irudiaren bitartez. Kausaren izena aldatzen da; ez, ordea, epika handirako grina.
Kirola eta politika ez direla nahasi behar maiz oroitarazten dute ahots batzuek; batez ere, kirolaren eremuan hainbat aldarrikapen (deseroso) plazaratzen direlarik. Epika zaharra noiznahi berritzea ez dago politikarekin lotua, nonbait ere. Garaileen eredua ez bide da molestagarria inorentzat. Ez eta galtzaile direnentzat ere. | news |
argia-bb77842b632b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/euria-eta-debozioa.html | Euria eta debozioa | Montserrat Auzmendi del Solar | 2017-09-24 | Euria eta debozioa
Udako Musika Hamabostaldiaren ondoren, baditugu udazkenean hainbat musikaldi interesgarri han eta hemen. Hauetako bat Zumarragako Antioko Musikaldia da, aurten 34. edizioa ospatzen duena. Urtez urte publikoa gerturatzen da Antioko Baseliza ederreraino bake momentuez disfrutatzeko.
Beste garai batzuetan nazioarteko artistak etorri izan dira, baina, imajinatzen dugu azkenaldiko krisia dela eta, urte hauetako edizioetan gure inguruko artistek osatzen dituzte ondo pentsatutako egitarauak. Halaxe da aurtengo musikaldian. Irailaren 9an hasi zen Artxipielagoa ikuskizunarekin, eta iraileko larunbat guztietan, urriaren 1era arte, Iñaki Salvador eta Ainhoa Zubillaga, Sariranaga taldea, Koruko Andra Mari Musika Kapera eta Easo Eskolania, eta Emilio Villalba eta Sara Marina artista eta taldeak arituko dira jaialdi honetan.
Artxipielagoa espektakulua izan zen lehenengo hitzordua. Nahiz eta oso eguraldi txarra egin, publikoa debozio osoz iritsi zen baselizara. Kontzeptu berritzaile bezala aurkeztu da talde honen lana, eta puntu bateraino hala da. Taldekide bakoitza musika arlo batetik dator, eta halere, jakin izan dute elkar ulertzen eta fruitu komun bat ematen. Ez da lan makala. Baina, azken batean, baloratu behar da emandako fruitu hori. Orokorrean, eta ez dut ezkorra izan nahi, planteatutako ideiak ez du gehiegi aportatzen. Ainhoa Garmendia soprano zoragarria da (eta, benetan, saioaren onena izan ziren bere aktuazioak), Peio Ramirez biolontxelo eta akordeoi-jotzailea musikari ona da, oso adierazkorra, Garikoitz Mendizabal txistulariak menderatzen du bere soinu tresna, Andoni Egañak izugarrizko trebezia du eta German Ormazabal piano-jotzaile eraginkorra topatu genuen. Primeran. Baina ikuskizun flojotxoa suertatu zen. Egañak esfortzuak egin zituen osotasunari lotura emateko, bere bertso eta komentarioekin. Baina azken batean, sustantzia gabeko produktua izan genuen. Benetako luzimendua Ainhoa Garmendiarena izan zen, oso adierazkorra Cotarelo-ren Nun zeran eta Telleriaren Loa loa kantuetan, adibidez. Mendizabalek izan zuen bere une distiratsua Peio Ramírezek konposatutako Dantza nazazu arin-arin-ean. Egañak freskotasuna eman zion saioari uneoro, eta Ramírez eta Ormazabal doi-doi aritu ziren. Halere, hobe artxipelago horretako irla bakoitza bere aldetik eta bere estiloan aritzen denean. | news |
argia-fc77e88b3455 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/aitor-arregi-eta-jon-garano-handia.html | "Gizon altu sinesgarri bat nahi genuen, ez munstro bat" | Mikel Garcia Idiakez | 2017-09-24 | "Gizon altu sinesgarri bat nahi genuen, ez munstro bat"
Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handiaren eta haren anaia Martinen arteko harremanak eta bizipenek harilkatzen dute "Handia", Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzeko hautatua. Errealitatea eta mitoarekin jolasteaz, errelatoaz, pertsonaien psikologiaz, erronka teknikoez… aritu gara filmaren zuzendariekin.
Mitoa eta kondaira batetik, errealitatea bestetik. Denborak, esamesek, norberaren memoriak… itxuraldatzen dute errealitatea.
Aitor Arregi: Altzoko Handiari buruz dokumentatzen hasi ginenean, hori bera ikusi genuen. Datu historikoak badira, ez asko, eta makina bat kondaira eta istorio txiki (20 litro sagardo edaten zituela irakurtzen duzu, beste batek esaten dizu zezen bat altxatu zuela adarretatik hartuta…). Zer den errealitatea eta zer mitoa, pertsonaia honi oso lotuta dagoen auzia da, hari buruzko istorioak ere transformatzen eta desitxuratzen doazelako.
Jon Garaño: Altzoko Handiaren inguruan beste pertsonaiek mitoa sortzen duten moduan, pelikulak ere gauza bera egiten du, joko horren parte gara.
Anaiaren ikuspegia da nagusi.
J. Garaño: Hasieran Migel Joakin zen protagonista, baina gero konturatu ginen interesgarriagoa zela erraldoia beste baten begietatik ikustea, bai erraldoiaren istorioa kontatzeko, bai erraldoiaren inguruan zegoen horri guztiari buruz hitz egiteko ere, orduko gizarteari buruz. Guretzat, pelikulan funtsezkoa da XIX. mendeko testuinguru hori: bi indar daude talkan, mundu zaharra eta mundu berria, gerra karlistak tarteko, eta horren aurrean anaietako batek eta besteak jarrera bana hartzen dute. Batak ez du aldatu nahi baina kondenatuta dago aldatzera; besteak aldatu nahi du, baina mugatuta dago.
Diozue kondairaren eta errealitatearen arteko joko horren parte dela pelikula. Benetako historia oinarri hartzeak zein abantaila eta arrisku ditu? Errealitatea traizionatzeko garaian zenbateko tartea utzi diozue zuen buruari?
A. Arregi: Errealitatean oinarrituta dagoenean, jendeak beste dimentsio bat ematen dio istorioari, nahiz eta elementu narratibo bat gehiago baino ez den, inoiz ez duzulako kontatuko zehazki gertatu den bezala, sintetizatu behar duzulako, zulo beltzak daudelako… Kasu honetan dokumentazio gutxi dago eta zulo beltzak bete egin behar ziren. Gainera, fikzioari logika bat eman behar diozu sarri errealitateak ez daukana. Materiala erreala da, baina zure terrenora ekarri behar duzu, malgu jokatzen eta istorioa zure egiten jakin behar duzu, datuen esklabo bihurtuz gero istorioa alde batera utzi dezakezulako; eta aldi berean mugak ere jarri behar dituzu, historiarekin eta pertsonaiarekin zintzoa izateko. Ariketa hori egin dugu etengabe.
J. Garaño: Benetako datu asko daude pelikulan, erraldoiaz dakizkigun datu garrantzitsu asko, eta hari buruz irakurri duenak antzemango ditu pelikulan. Zenbait detaile ere zaindu ditugu: garaiko Madrilgo egunkari baten erreprodukzioa ikusten da, Handiaz egin zuten ilustrazioa… Jendeak deskubritu dezala zer den benetakoa eta zer asmatua.
"Altzoko Handiaren inguruan beste pertsonaiek mitoa sortzen duten moduan, pelikulak ere gauza bera egiten du, joko horren parte gara"
Zuen errelatoa egin duzue. Gure historia guk kontatzen ez badugu, beste batzuek kontatuko dutela irakurri dizuet.
A. Arregi: Garai baten errelatoa bakarrik ez, gure zinemari ekarpena egingo dion errelatoa izatea ere espero dugu, beste pelikula batzuekin elkarrizketan jarriko dena, osagarri, baina ez errelato bakar izateko anbizioz.
J. Garaño: Argi dago gure ikuspuntua jartzen diogula istorioari, eta sustraiak non dauden ere garbi dago.
"Garai baten errelatoa bakarrik ez, gure zinemari ekarpena egingo dion errelatoa izatea ere espero dugu, osagarri eta ez errelato bakar izateko anbizioz"
Eta zuen ikuspuntutik, zertzelada batzuetan garaiaren irakurketa politikoa egiten du filmak.
J. Garaño: Esango nuke filmeko pertsonaiek ez daukatela kontzientzia politikorik, baina bai kontzientzia soziala. Konturatzen dira zerbait aldatzen ari dela, mundu ezberdinak daudela, eta aldaketa horiei aurre nola egiten dieten da interesatu zaiguna. Batzuk egoerara egokitzeko gai dira, norberaren interesen arabera, eta beste batzuek ez dute egokitzeko inongo asmorik, betikoari eutsi nahi diote. Euskal Herrian esaterako nabaria izan da tradizioari lotzeko eta gauzak bere horretan mantendu nahi izateko joera.
A. Arregi: Elementu identitarioak pisu handia du pelikulan.
Ñabarduraz betetako bi pertsonaia protagonistak dira istorioaren ardatza; bi anaietan oinarritutako pelikula psikologikoa da. Aktoreen lana funtsezkoa da halakoetan.
J. Garaño: Oso pelikula gogorra izan da denentzat, tartean baldintza teknikoak ez direlako batere samurrak izan, eta aktoreek ere lan handia egin dute. Filmak erretratu zabala egiten duen arren, egia da funtsean pelikula psikologikoa dela eta inportantea da esaten denetik harago kontatzen dena; horretarako aktoreen lana ezinbestekoa da. Aktore guztien emaitzarekin oso pozik gaude, eta protagonisten kasuan, Eneko Sagardoy [Altzoko Handia] aktore kamaleonikoa da, oso fisikoa eta teknika handikoa, eta lortu du oso gauza zaila: Migel Joakin erraldoia sinesgarri egitea, kontuan hartuta bilakaera dramatiko handia duela pertsonaiak. Joseba Usabiagak [Martin anaia] asko transmititzen du begiekin, keinu txikien bidez, eta benekotasuna eman dio pertsonaiari, bera denaren eta izan nahi duenaren arteko borroka irudikatu du; lortzea pertsonaiak bere burua era batera ikustea eta ikusleek beste era batera, hori erronka handia da. Eta oso inportantea da bien artean dagoen kimika, pelikulan islatzen delako oso pertsonaia ezberdinak izan arren, konexio uneak dituztela, zerbaitek lotzen dituela.
Sinbolo eta metaforak atsegin dituzue. Loreak filmeko ardia al da Handia ko otsoa?
J. Garaño: Sinbologia handia dago, bai, baina gauza horiek ez dira kontatzen, ikusle bakoitzak egin ditzala bere interpretazioak. Detaile asko daude, gustatzen zaigu ikusleari halakoak planteatzea, denek antzemango ez dituzten arren. Heldulekuak ere badira guretzat, pelikulak zerbait kontatu nahi duela adierazten duten heldulekuak, gizarteaz, identitateaz, askatasunaz, aldaketaz, egokitzeaz… Saiatzen gara kriptikoak ez izaten, baina agerikoegiak ere ez.
A. Arregi: Erraldoia bera metafora da guretzat: pelikulan duen bilakaera fisikoak berak nolabait islatzen du handitzen eta transformatzen doan mitoa, gelditu ezin duen eta handitzen doan hori, aldaketa delako aldaezina den gauza bakarra.
Pertsonaiek hitz egiten duten euskarak zein ezaugarri izango zituen erabakitzeak denbora asko eskatu al dizue?
J. Garaño: Buruhauste batzuk eman dizkigu, ez delako tratamendurik errealistena, baina azkenean erabaki dugu gipuzkera kutsua mantendu arren gipuzkera hutsean hitz egiten ez jartzea pertsonaiak, hasteko ez dakigulako nola hitz egiten zuten benetan garai hartan. Pertsonaia donostiarrek, nafarrek, kostaldekoek… ere euskara ezberdinak darabiltzate. Eta Altzoko gaur egungo euskarari keinu batzuk egin dizkiogu. Finean, ziurrenik ez da euskararik errealistena, baina naturaltasuna hobetsi dugu, eta hainbaten laguntza izan dugu bide horretan.
"Bi aktore nagusien arteko kimika oso inportantea da, pelikulan islatzen delako oso pertsonaia ezberdinak izan arren, konexio uneak dituztela, zerbaitek lotzen dituela"
Errodatzeko ia Euskal Herri osoa zeharkatu duzue. Zein garrantzi du paisaiak filmean?
J. Garaño: Paisaiak eta lurrak garrantzi handia dute, istorioa eta pertsonaiak markatzen dituelako: non dauden, zein ibilbide egiten duten eta non amaitzen duten. Pertsonaien unibertsoarekin lotzen gaitu paisaiak, inguruak ere egiten duelako pertsona.
A. Arregi: Eremu epikoa eta intimoa uztartzeko aukera ere ematen du paisaiarekin jolasteak.
80 egunean filmetik Loreak -era salto kualitatiboa aipatu zenuten (estetikan, muntaketan…). Beste salto bat eman eta erraldoi bat irudikatzeko erronka izan duzue oraingoan. Arriskuak hartzea gustuko duzue?
J. Garaño: Lantaldea horrelako produkzio bat egiteko gai garela ikusteko erronka izan da hau, teknikoki produkzio handia baita guretzat. Gainera, Loreak -ek poz eta gauza eder asko ekarri zizkigun, baina azkenerako nekatuta amaitu genuen eta argi geneukan film honek beste zerbait izan behar zuela, ezberdina. Errealizazioak, istorioa eramateko moduak… beste estilo bat daukate, nahiz eta gero konturatu garen uste genuena baino konexio gehiago daudela bi pelikulen artean; gure unibertsoko gauzak antzematen ditugu, uste genituenak baino gehiago.
A. Arregi: Erronka ugari izan ditugu: XIX. mendea modu sinesgarrian sortzea, animaliekin lan egitea, gerra irudikatzea… eta erraldoia bera. Amarru analogikoak eta efektu digitalak uztartu ditugu eta plano eta eszena bakoitza azterketa eta borroka bat izan da, errodaje-egun batean balio zuenak hurrengoan agian ez zuelako funtzionatzen. Beti izan dugu argi gizon altu errealista eta sinesgarri bat nahi genuela, naturala, ez munstro bat; ikuslea istorioan sar dadin eta ez dadin egon denbora guztian pentsatzen erraldoia lortzeko zein teknika dauden atzean. Erraldoi protagonista, emozioak garatuko dituena, gainerako pertsonaiekin hartu-emanean egongo dena eta aldi berean istorioa estaliko ez duena, hori guztia orekatzea ez da erraza izan.
Loreak filmaz nekatuta bukatu omen duzue, baina saihestezina izango da konparaketa. Beldurra ala konfiantza ematen dizue aurrekariak?
J. Garaño: Konparaketak izango dira, bai, eta bestelako harrera eta ibilbidea izango ditu film berriak, baina gu lasai gaude, pelikula ezberdina egin dugulako eta ez dugulako Loreak 2 egin nahi izan.
A. Arregi: Loreak -en eraginez eta Altzoko Handia pertsonaiak duen erakargarritasunagatik, espektatiba handia dagoela, hori bai nabaritu dugu. Beldur pixka bat ematen du, bai…
"Konturatu gara gurea ez dela zigilu pertsonala, talde-zigilua baizik: gai gara gure pelikuletan Moriarti produktora antzemateko"
Moriarti produktoran duzuen filosofiaren barruan ulertzen da, baina baten batek esango du: Garañorekin batera Loreak-eko zuzendari aritu zen Jose Mari Goenagaren ordez, Aitor Arregi dago orain.
A. Arregi: Gurean normala da eta ez da aldaketa handia, taldelanean oinarritzen garelako eta hasiera-hasieratik egin ditugun labur, dokumental eta fikzioetan rolak banatzen eta aldatzen joan garelako. Loreak -en ni nintzen lekuan dago orain Jose Mari. Gure lan egiteko moduan badu logika, inork ez dezala pentsatu Jon eta Jose Mari haserretu direnik, kar kar kar.
J. Garaño: Aitor eta Jose Mari oso ezberdinak dira eta ondorioz dinamika ere beste bat izan da, baina ez dugu elkar egokitu behar izan, Moriartin hasieratik elkarrekin aritu garelako. Denborarekin konturatu gara gurea ez dela zigilu pertsonala, talde-zigilua baizik: gai gara gure pelikuletan Moriarti antzemateko; guri interesatzen zaizkigun gaiak eta jorratzeko moduak errepikatzen dira. Pelikula ezberdinak eginagatik, konexioak eta loturak aurkitzen ditugu batzuen eta besteen artean.
A. Arregi: Pertsonaia paradoxikoak, komunikazio arazoak, identitatea… aurkituko dituzu gure lanetan.
Alfonbra gorrira ohituta zaudete eta hein batean euskal zinemaren ordezkari zareten neurrian, ardura sentitzen duzuela esan izan duzue. Zama da ala harrotasuna?
A. Arregi: Zamarik ez, harrotasuna. Ez gara bakarrak, gurea ekarpen bat gehiago da, momentu jakin batean fokuak erakarri ditzakeena, baina zorionez lan interesgarriak egiten ari den jende ugari dago, eta atzetik etor daitezkeenei ateak irekitzen eta Euskal Herrian filmak egiteko aukera dagoela erakusten ari bagara, pozgarria da.
J. Garaño: Inork ez digu ordezkari-lana jarri, baina egia da gure pelikulek kanpora bidaiatu dutela eta aukera ona izaten dela hemengo errealitatearen, kulturaren, hizkuntzaren berri emateko. Gurea industria txikia izan arren, gero eta handiagoa eta anitzagoa da eta euskal zinemagintzan sekulako urteak datozela uste dut, proiektu interesgarriak daude bidean.
Ikusi trailerra: | news |
argia-c53a87e3d2ff | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/etxean-uso-kanpoan-kondor.html | Etxean uso kanpoan kondor | Estitxu Eizagirre | 2017-09-24 | Etxean uso kanpoan kondor
Indarkeria militarrak munduko edozein txokotan jendea hiltzea negozio da Euskal Herriko ehun bat enpresarentzat. Ez alferrik, erakunde publikoek industria hau sustatzen dutela azaldu digu Gasteizkoak kolektiboak. Aldiz, herritarrok zeharo hunkitzen gara, eta asaldatzen, arma hauek sortzen duten tragediaren irudiak ikustean. Gertaera horietan Euskal Herriak duen parte-hartzea ezkutatzen zaigu, edo ez jakitea dugu nahiago? Bitartean, euskal herritarron eguneroko bizitza ere gero eta militarizatuago dugu.
Urte onak izaten omen dira "krisiak" arma industriarentzat. Hala azaldu digute Gasteizkoak kolektiboko kideek, eta hala dute kontatua 2016an argitaratu zuten Estas guerras son muy nuestras liburu txit gomendagarrian. "Krisi garaietan nabarmena izaten da gastu soziala murriztearekin batera nola handitzen den eremu militarreko gastua. Hala egin zuen Espainiako Gobernuan Felipe Gonzalezek, eta Euskal Herriko armagintza berpiztea ekarri zuen. Ondoren José María Aznarrek gauza bera egin zuen Armamenturako Programa Bereziak (PEAS gaztelerazko sigletan) martxan jarrita". Liburuan kontatua dute Armamenturako Programa Berezi horien sorreran Getxoko Pedro Morenes izan zela bultzatzaile nagusietakoa, aurretik Sapa arma enpresako kontseilari izana eta Estatuko Defentsa Idazkari kargua zuena. Eta delako programa hauek 30.000 milioi eurotik gorako zor publikoa eragin dutela. "Gaur egun Programa Berezi horiez gain, estatuak Europako Horizon 2020 programarekin bat egin du, eta enpresak esportazioetara jarrita daude".
PIZARRO ERASORAKO ORGA
2004tik 139 orga ekoitzi dituzte Espainiako Armadarentzat. Orga hauen transmisioa diseinatu du Sapak eta proiektu honetan harremana egin zuen Amerikako Estatu Batuetako Armadarekin. Horren ondorioz, 2015ean lau urterako 30 milioi euroko kontratua sinatu zuen Sapak US Army-rekin, etorkizuneko bere orgetarako transmisioak diseinatzeko.
2017an, gainera, aldaketa handi bat onartu du Espainiako Kongresuak, Gasteizkoak kolektiboaren hitzetan: "Orain arte gastu militarraren zati bat baizik ez zen Gobernuaren aurrekontuetan agertzen, eta urtean zehar %30 gehiago gastatzen zuten Armamenturako Programa Bereziekin. Alegia, gastu militarra mozorrotu egiten zuten. Aurten, ordea, diru partida osoa Gobernuaren aurrekontuetan sartu dute eta beraz, Defentsa Ministerioaren aurrekontua %30 handitu da. Ikusi beharko da urte amaieran benetan gastatutakoa hori den edo are gehiago den. Krisialdi betean egonda ere, tamalez, ez du batere eztabaidarik piztu Defentsa Ministerioaren aurrekontua heren bat handitu izanak". 2017an munduan I+G-ra bideratu den inbertsio osoaren heren bat eremu militarrekoa izan da, "krisialdian" Gobernuek ekonomia suspertzeko zeren aldeko apustu egiten duten adierazten duena.
F110 FRAGATA
Espainiako Armada lau fragata egiteko prozesuan sartua dago. Programa teknologikoa garatzeaz arduratzen da Protec 110 Aldi Baterako Enpresa Elkartea (ABEE) Navantia eta Indra-k osatua. Senerrek ere parte hartzen du programa teknologikoetako batean.
Aipatutako Programa Bereziek, arma industria sustatzeko, Espainiako Armadaren gailuak berritzea edo gehitzea bilatzen dute eta Euskal Herriko enpresentzat kontratu handiak dira hauek. Europan Horizon 2020 Programak antzeko funtzioa betetzen du: webgune ofizialaren arabera, ikerketa eta berrikuntza du helburu, gizartearen erronkei erantzuteko, eta praktikan, azalpen orokor hori konkretatzen da, beste askoren artean, gailu militarrak garatzean. Argazkietan dituzu Espainiako eta Europako programa horien barruan egiten diren hainbat gailu. Ezagunenak soilik, guztira askoz ere gehiago baitira.
TYPHOON EUROFIGHTER
Proiektu europarra lau herrialde eta hiru enpresak osatzen dute: Erresuma Batua (%33ko parte-hartzea) BAE Systems enpresarekin; Alemania (%22) eta Espainia (%13) Airbus DS enpresarekin biak; eta Italia (%21) Leonardorekin. Eurofighter da erasorako erabiltzen duten hegazkina herrialde hauek: Erresuma Batua, Alemania, Italia, Espainia, Austria eta Saudi Arabia. Euskal enpresa hauek parte hartzen dute hegazkinak egiten:
Aeroegiturak: Aciturri, Aernnova, Alfa Precision Casting, Metraltec.
Motorrak: Aciturri, Aeromec, Electrohilo, TTT Taldea, Imedusa, ITP, Novalti (ITPrentzat), Nuter (ITPrentzat), Siegel (ITPrentzat), Wec (ITPrentzat), Sistemak eta ekipamenduak, DMP, Orbital Critical Systems.
Sistemak eta ekipamenduak: Sener.
Mantenimendua: ITP.
Eta Euskal Herrian? Gasteizkoak kolektiboak ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Barne sailera bideratzen duten diru partida ez dutela batere murriztu: "Bere garaian erakundeek esaten zuten ETAren indarkeria zela arrazoia baliabide gero eta gehiago bideratzeko. Ofizialki 6 urte omen dira bakean gaudela eta Barne saileko diru partidak ez dira murriztu". Jihadisten Kataluniako atentatuen ostean, "segurtasunaren" izenean kontrol poliziala are gehiago handituko duten susmoa du Gasteizkoak kolektiboak, eta kontrol hori puntako teknologia garatuz egingo dela.
Jaurlaritzak zer dio?
14/2007 Legeak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutuna denak, hauxe dio 3. artikuluko 3. puntuan: "Enpresak lagundu eta sustatzeko politikan, Eusko Jaurlaritza ez da inolaz ere elkarlanean arituko armen ekoizpen, merkaturaketa eta finantzaketan ari diren pertsona fisiko edo juridikoekin". Gasteizkoak kolektiboak Estas guerras son muy nuestras liburuan azaldua du lege hori buletin ofizialean argitaratu eta handik astebetera publiko egin zela Jaurlaritzak Sapari emandako diru-laguntza, "Saparen produkzioa ia bere osotasunean militarra denean".
IRIS-T MISILA
Airetik airera botatzen den misila da eta 12 kilometrora iristeko gaitasuna du. Europako proiektua da, eta berau ekoizten partaide dira Alemania (40,5%), Espainia (21,3%), Italia (14,7%), Grezia (10,4%), Suedia (8,1%) eta Norvegia (5%). Espainiako Estatutik Sener izan zen industria bazkide hautatua, eta bere ardura da misilen hegoak eta misilen hegaldia kontrolatzeko sistemaren eragingailuak ekoiztea. Iris-T misilak Eurofighter hegazkinetan erabiltzen dituzte.
Armagintzako enpresei diru-laguntzak emateaz gain, lehendakari zein sailburuek "herrialde beroetan enbaxadore lanak" egiten dituztela adierazi dute: "Brasilen izan da Jaurlaritza, baita Arabiar Emirerrietan ere, Kolonbian, eta Turkian. Berarekin joaten diren enpresen artean baten bat izan ohi da armak ekoizten dituena", merkatu berrietarako harreman sareak zabalduz: "bidaia horien ostean kontratuak agertzen dira".
Jaurlaritzak arma ekoizpenarekin duen inplikazioa lehen era agerikoagoan egiten zuela adierazi dute: "ITP arma enpresaren akzionista ere izan da garai batzuetan".
TAURUS KEPD 350 MISILA
Airetik lurrera botatzen da eta 350 kilometrora iristeko gai da. Hegazkinetik botatakoan, telegidatu daiteke misil hau. Alemania-Suediako Taurus Systems GMBH enpresak ekoizten du eta Sener da kontratista nagusia. Hau ere Eurofighter hegazkinetan erabiltzen dute.
Erakunde publikoek armagintza sustatzeko duten beste modu bat, enpresa hauetako buruak prestigiatzea dela diote: "Enpresari eredugarritzat aurkezten dizkigute. Senerreko jabe Sendagorta sendiari era guztietako sariak eman dizkiete, ITPren urteurren ekitaldira Ibarretxe Lehendakaria joan zen...". Gizartean enpresari hauek duten zilegitasunaren adibide gordinena, Gasteizkoak kolektiboarentzat, Jokin Aperribay da: aldi berean Sapako eta Realeko lehendakari da.
Kargu politikoen eta arma enpresen arteko lotura ikusteko, Sapa da kasu nabarmenena, garaian garaiko Gipuzkoako politikariei leku egin baitie enpresako karguetan: Ramon Labayen Donostiako alkatea; Francisco Asís Alonso Donostiako teniente-alkatea; Justo Espín Andoaingo alkatea; eta azkena Jose Ignacio Asensio, 2015 arte Sapako zuzendari komertziala zena eta egun Aldundiko Ingurumen diputatua dena.
AIRBUS A400M
Garraio militarrerako hegazkina eta hegazkin zisterna. Europako proiektu honetan kide dira Frantzia, Alemania, Italia, Espainia, Erresuma Batua, Turkia, Belgika eta Luxenburgok. Honen zatiak egiten dituzten euskal enpresak:
Aeroegiturak: Aciturri, Alestis, Ayesa Air Control, TTT Taldea, Khegal Aeronautica, LTK Taldea, Aernova.
Motorrak: Aciturri, Astorika (ITPrentzat), Batz (IPTrentzat), Electrohilo, Imedusa, ITP, Novalti (ITPrentzat), Nuter (ITPrentzat), Siegel (ITPrentzat), WEC.
Sistemak eta ekipamenduak: CTA, Nuter, Orbital Critical Systems, WEC, Sener.
Mantenimendua: Orbital Critical Systems.
EHUk ere kolaboratzen du
Irailaren 7an jakin genuen, Gasteizkoak kolektiboaren eskutik, Euskal Herriko Unibertsitatea I+G garatzeko elkarlanean aritzen dela ITP arma enpresarekin. Informazio honen iturria Ikerketa Estrategikoetako Espainiako Institutuak (gazteleraz IEEE, Espainiako Defentsa Ministerioaren erakundea da) argitaratzen duen Cuadernos de Estrategia da. Cuadernos de Estrategia honek oso argi azaltzen du unibertsitateek arma industriarekin kolaboratzeko duten modua: "Kolaborazio hau formalizatzen da hitzarmenen bidez, bai modu zuzenean edo zentro teknologikoekin kolaboratzearen bidez. (...) Modu berean, ITPk kolaboratzen du EHUko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoarekin, zeinetan nabarmen sustatzen diren Aeronautika Gela eta praktikak egiteko bekak. Gainera, kolaborazio honek sustatzen du Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolarekin doktorego tesiak egitea, karrera amaierako proiektuak eta laborategiko jarduerak. Hauen artean nabarmentzen dugu Zentro Teknologikoen ITP Jardunaldien lehen edizioa, 2015ean egindakoa (...). Jardunaldi hauetan izan ziren ITPrekin kolaboratzen duten erakunde hauek: Zamudioko Aeronautika Teknologien Zentrua, CEIT-IK4, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Publikoa eta IMDEA Materialak".
LEOPARD 2E ERASORAKO ORGA
2008an 239 Leopard 2E orga egin zituzten Espainiako Lurreko Ejertzitoarentzako. Orga hauek 2025era arte martxan ariko direla aurreikusten dute. 2017an hauetako sei orga Letoniara eraman dituzte, NATOrekin. Sapa dago egileen artean.
Gasteizkoak kolektiboak irailaren 7an beste informazio bat ere zabaldu zuen, 2016ko azaroaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofiziala duena albistearen iturri: EHUk Espainiako Defentsa Ministerioarekin hitzarmena duela segurtasun eta defentsari buruzko jardunaldiak antolatzeko eta garatzeko. Horren emaitza dira Udako Ikastaroetan aurtengo irailean egin zituen jardunaldiak, Segurtasuna eta defentsa Europan izenburupean.
EHUk ITP arma enpresarekin eta Espainiako Defentsa Ministerioarekin kolaboratzen duela agertzeaz gain, Gasteizkoak kolektiboak irailaren 7an hau ere jakinarazi zuen, informazio iturri duena EHUren erabaki organu nagusia den Gobernu Kontseiluaren urtarrileko akta: organu horrek onartu zuela EHUk parte-hartzea Espainiako Plataforma Teknologiko Aeroespazialean. Plataforma honen bederatzi sozioetatik hiru hauek dira: INTA, alegia, Defentsa Ministerioaren erakunde autonomoa I+G+B-rako; TEDAE, Espainiako armagintza sektorearen patronala; eta DGAM, Defentsa Ministerioko Armamentu eta Materialaren Zuzendaritza Orokorra.
EUROCOPTER EC665
Erasorako helikopteroa, Tigre izenez ezagutzen da. Airbus Helicopters-ek ekoizten du, Frantzia-Espainia-Alemaniaren arteko elkarlanean. Bere zatiak egiten dituzten euskal enpresak:
Aeroegiturak: Aernnova.
Motorrak: DMP (ITPrentzat), ITP, Novalti.
Sistemak eta ekipamenduak: Sener.
Lanpostua sakratua baita...
Bai arma industriarentzat ikertzen dabiltzanak eta bai lantegian piezak egiten dituztenak, lehenago edo geroago denek dakite zertarako ari diren, Gasteizkoak kolektiboko kideen esanetan. Jakin orduko lanari uko egin eta enpresa utzi duen kasu gutxi horietakoren bat gogoan dute, "eta gainerako langileek lanaldia bete, soldata ederra etxera eraman eta bere lanaz harro ez egotea erabakitzen dute". Estas guerras son muy nuestras liburuan kritika zorrotza egiten diete sindikatuei ere, bere borroka enpresa militarretako langileen lan baldintzak hobetzera mugatzen dutela iritzita.
Duela 20 urte Araban zegoen Expal enpresarekin izan zuten esperientzia mingotsa kontatu dute: Bakearen Ikerketarako Delás Zentrua Gasteizkoak kolektiboarekin harremanetan jarri zen Expal enpresaren konbertsioa lantzeko. Proiektua finantzatzeko prest zegoen Delás, baina Expaleko langileek prozesuan parte hartzea jarri zuen baldintza. Gasteizkoak kolektiboak ere hala behar zuela irizten zion. Langileekin harremanetan jarri, eta ez zuten lortu proiektuan parte hartzerik, 2-3 langile baino ez baitziren prest agertu. "Zergatik? Konbertsioa eginez gero, langileek zuten soldataren ordez administrazioko langileena eskaintzen zien proiektuak, eta hiru aldiz txikiagoa zen".
VCR 8X8 ERASORAKO GURPIL GAINEKO IBILGAILUA
Espainiako Lurreko Ejertzitoak 348 ibilgailu egitea agindu du. Hauek egiteko ABBE osatzen dute Sapa, Indra eta Santa Barbara Sistemas-ek.
Saiakera hark huts egin bazuen ere, irtenbide zentzuzkoena hori dela berretsi dute Gasteizkoak-ekoek: "Enpresa txikienak itxi, langile horientzat beste lanpostu bat bilatu, eta enpresa handienak jarduera zibilera soilik mugatu". Egingarria dela diote: "Aski dute erakunde publikoek jarduera militarra duten enpresei diru-laguntzak eta era guztietako laguntzak kentzea". Sindikatuek ere borroka esparrua baluketela diote: "Konbenioan objekzio laborala eskubide gisa onartzea landu dezakete, hau da, langileek eskubidea izatea enpresaren proiektu zibiletan bakarrik lan egitea erabakitzeko. Horrek eztabaida irekiko luke enpresetan, konbertsio prozesuei atea irekiz".
Bestaldera begiratzearen arazo bakarra
Antimilitarismoa jorratzen du 26 urtez Gasteizkoak kolektiboak, eta armagintzaren arazoa bere sakonean lantzeko, hainbat galdera pausatu dituzte elkarrizketan zehar: Gerren aurka egin dezakegun ekarpenik handiena ez ote da armak ekoizteari eta finantzatzeari uztea? Euskal herritarrok gure kontsumo mailari eusten jarraitu dezakegu, beste herrialde batzuei gerren eta armen bidez baliabideak kendu gabe? Gerrarik ez dagoen lekuan bakea dago? Nola deseraiki hain errotuta ditugun jarrera eta balio militaristak?
NH90 HELIKOPTEROA
NHIndustries enpresak ekoizten du. Enpresa honen jabe dira Eurocopter (%62,5), Leonardo (izen hori hartu du 2017an, Finmeccanica zenak) eta Stork Fokker Aerospace. Bere zatiak egiten dituzten euskal enpresak:
Aeroegiturak: Aciturri, Aernnova, Dyfa.
Motorrak: ITP.
Gizartean hausnarketa bultzatzeko, "militarismoaren aurpegi ezkutuak argitzeko" unitate didaktikoa prestatu dute, DBHko 2. eta 3. mailetan lantzeko. Ikasturte honetan proban jarriko dute hainbat ikastetxetan, eta hauengandik jasotzen dituzten iradokizunak kontuan hartuta, hurrengo ikasturtean ikastetxe denen eskura jarriko dute.
PISTOLAK ETA KARTUTXOAK
Berettak Espainiako Polizia eta Guardia Zibilari saltzen dizkie kartutxoak: 9 mm-ko kalibreko parabellum blindatuak eta 9x19 mm-ko NATO arruntak. Eta pistolak: 92 PS eta FS modeluak.
Herritarrok jarrai dezakegu gure buruari kontraesanak loratzen dizkiguten galderak egin gabe, begirada albora makurtuta. Honek arazo bakarra duela oroitarazi zien BBVAko zuzendariari eta akzionistei Maria de Lluc Bagur-ek, 2017ko martxoaren 17an egin zen BBVAko akzionisten batzarrean, erakunde hauen izenean hitza hartuta: Delàs Zentrua, Setem, Justícia i Pau, Globalizazioko Zorraren Behategia eta RETS kolektiboa: "Zuen inbertsioek munduan zer sortzen duten ez bazaizue zipitzik axola, jarrai ezazue armagintzaren eta militarizazioaren munduko finantzatzaile handienetakoak izaten. Dudarik gabe, aberatsagoak izango zarete, baina jakin behar duzue zuen arduragabekeriak dakarrela gu guztiok, zuek barne, geroz eta segurtasun gutxiago duen munduan bizi izatea".
Gai honi lotutako eduki gehiago:
Euskal Herriko enpresek esportatutako armamentua
Armak ekoizten dituzten Euskal Herriko enpresak
Euskal bankuek arma enpresei bideratutako dirua | news |
argia-345062da930f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/europak-digu-musulmanoi-gerra-egiten.html | "Europak digu musulmanoi gerra egiten" | Ibai Trebi�o | 2017-09-24 | "Europak digu musulmanoi gerra egiten"
Fatah Al-Islam muturreko talde islamistarekin "harremana izatea" leporatu zion Libanoko Armadak Haytham Al-Said imanari 2007ko gerran. Jihadismo erradikalaren pentsamoldea ezagutu nahian, berarekin hitz egiteko aukera izan dugu Libanoko Nahr al Bared-eko kanpalekuan. Horrez gain, Bartzelonako atentatuen ostean, Euskal Herriko komunitate islamiarren jarduera ezagutzea eta erradikalizazioaren fenomenoa aztertzea proposatu diogu geure buruari, Ahmed Chaghouaoui EHUko irakaslearen laguntzarekin.
Islamiar ideologia erradikaleko Fatah Al-Islam (euskaraz, Islamaren Konkista) taldeak Libano iparraldeko Nahr al Bared palestinar errefuxiatuen kanpalekuan izan zuen gotorleku. Irakeko gerrara borrokara zihoazen mundu osoko militante islamistek osatzen zuten taldea eta Siriatik sartzen ziren Irakera. Hori saihesteko, Siriak mugak ixtea erabaki zuen eta talde jihadista Libanon "harrapatuta" geratu zen. Fatah Al-Islamek 2007ko maiatzean Libanoko armadari eraso egin zion eta hala, hasiera eman zion 396 hildako eta ehunka zauritu eragin zituen lau hilabeteko gerrari.
Adel Abou Salem, palestinar errefuxiatu eremuetako arduradunetako bat da eta ondo ezagutzen du gazteen artean jihadismoak izandako gorakada. Egun, jihadisten gotorlekutzat jotzen den Ain al-Hilweh palestinar errefuxiatu eremuan dihardu lanean. 2007ko gerratik hamar urte pasatu direnean. Fatah Al-Islam, "ehun bat militante izatetik ehunka izatera" pasatu zela eta hori, "kanpalekuko hainbat buruzagi erlijiosok emandako laguntzari esker" izan zela azaldu digu.
Haytham Al-Said imana pertsona ezaguna eta erreferentziala da kanpalekuko gazteentzat eta otoitzetik itzuli berritan, tarte bat eskaini digu 2007ko gudaz hitz egiteko. Libanoko inteligentzia zerbitzuek jo-mugan jarri zuten, kanpalekuko gazteen erradikalizazioan imanak izandako arduragatik, taldearen buruzagi espirituala izateagatik. Berak baina, gerran "haien burua babestera" mugatu zirela dio. Abu Salemek, ordea, dio imanak "Fatah Al-Islam babesteko deia" egin zuela, "anaia islamiarrak zirelakoan". Horrela, kanpalekuko ehunka gaztek islam garbia ren alde borrokatu eta bizitza galdu zuten gatazkan.
Haytham Al-Said imana.
Islam garbia . Hori da Al-Said eta bere sokakoek defendatzen dutena. "Inork ez du gure erlijioa aldarazteko eskubidea, ez dugu hori onartuko" dio imanak. Europan eta Sirian, "islamismoaren ideiak usteldu" direla uste du imanak eta hori "gizateria aldatzeko saiakera batengatik" dela. "Europako kristauek musulmanak hil edo kanporatu ondoren, orain guri gerra egitera datoz hona", dio haserre. Bereziki Espainiako egoerak sortzen dio kezka imanari, izan ere "meskitak turismo gune bilakatu dituzte" eta hori noski, "irain handia da".
Islamismo erradikalaren pentsamoldearen arabera, "dogma erlijiosoa aldatu nahi dutenen aurka borrokatu behar da", azaltu digu Al-Said imanak. Bere ustez "musulmanek Daesh-en beharrik ez duten arren, gure buruari galdetu beharko genioke zergatik sortu diren horrelako taldeak".
Erradikalizazio prozesua
Sorreratik, islamak –beste erlijioek bezala– aldaketa ugari izan ditu maila askotan. Ahmed Chaghouaoui EHUko irakaslea da eta islamaren historian aditua. Bere ustez, jihadismoaren gorakada azaltzeko, erlijioak emandako atzerapausoa aztertu behar da. Horrela, egun "botere politikoa ardatz duen erlijiozaletasunera" itzuli garela uste du, eta batzuek "erlijiozaletasun faltsu horri eusten diotela itxaropen bakarra izango balitz bezala".
Bartzelonako atentatuen ostean, Europan bizi den komunitate islamiarra jomugan da, bereziki meskiten jarduera. Are gehiago Al-Said edo Kataluniako Ripollekoa bezalako imanek gazte erasotzaileen erradikalizazioan izandako rola ikusita. Erradikalizazioa ez dela prozesu konplikatua dio Chaghouaouik, "diskurtso biolentoak beti izango du arrakasta gazteen artean, bereziki ezazagutza maila txikia duten gazteen artean". Chaghouaouiren ustez, erradikalizazio prozesuan "jokoan dagoena ez da praktika erlijioso bat, hizkera baizik" eta Mendebaldeko gizarteetan bizi diren hainbat musulmanen artean, 'paradisua' edota 'desleiala' terminoen erabilera zoritxarrez ohiko bilakatzen ari dira".
"Termino hauek ez dute lekurik gizarte akonfesionaletan" dio eta zentzu horretan lan egin behar dela uste du: "Eskubide osoko hiritar bat zaren heinean, zer axola dio beste guztiak?".
Heziketa erlijiosoa tenpluetan hasten denez, buruzagi espiritualaren lana "funtsezkoa" dela uste du Chaghouaouik, "bereziki alfabetatu gabeko gizarteetan, imana gida espirituala eta lege islamiarraren ezagutzaile nagusia baita". Euskal Herria eta Europaren kasuan gainera, imanen sermoiak "tokiko kulturaren baloreak transmititzeko" balio beharko lukeela uste du: "Kasu batzuetan, tokiko kulturaren eta imanak esaten duenaren arteko kontraesanak sortzen dira eta horrek egoera deserosoak ekarri ditu, besteak beste, delitua egiteko deiak".
"Beharrezkoak ez direlakoan", Europan imanak egotearen kontra dago Chaghouaoui. Halere, egungo imanek formakuntza akademikoa eduki beharko luketela uste du, baita tokiko hizkuntza menperatu eta kultura ezagutu ere". "Ezezagutza hori da arazo nagusia. Euskal Herrian adibidez, ez da imana izateko inolako baldintzarik bete behar", azpimarratu du.
Orohar, jatorri arabiarra edota musulmana duen populazioak gorakada handia izan du Euskal Herrian eta fededun berri horien beharrak asetzeko asmoarekin, hamaika meskita edota gune erlijioso zabaldu dira zazpi herrialdeetan. Chaghouaouik azaldu duenez, meskita horiek erlijio-funtzioa baino, "funtzio soziala dute", izan ere "sozializatzeko aukera" eskaintzen die heldu berriei, hona etorri aurretik "sinestunak ez baziren ere".
Erlijio-praktikari dagokionez, hemengo meskiten jarduerak "jatorrizko herrialdearen erlijio-praktikaren araberakoak dira", azaldu digu Chaghouaouik. Hau da, eskualdeka edo herrialdeka antolatzen dira. "Adibidez –dio adituak–, Bilbo inguruko meskita zehatz batzuetan Maroko iparraldeko zonalde zehatz batzuetako fededunak biltzen dira, ez besterik".
Askotariko erlijio-praktika erregionalek fededunen arteko zatiketa eragin dute kasu batzuetan. Arrasate izan daiteke horren ispilu. Magrebeko arabiarrek eta pakistandarrek, esaterako, meskita bana eraiki dute herri zerrajeroan. Arabiarrena izan zen lehena ateak zabaltzen eta bi komunitateetako kideak biltzen zituen hastapenetan. Haietariko bat da Jaffar pakistandarra eta azaldu digunez, han hitz egiten zuten arabiar dialektoa ulertzeko zailtasunaren aurrean meskitara joateari utzi zion. Ez hori bakarrik, egun batetik bestera, giroa kutsatzen hasi zela dio, gauza susmagarriak ikusten hasi zela. Besteak beste, "kanpotik etorritako iman batzuen hiru edo lau eguneko egonaldiak". Litekeena da Madrilgo Kultura Islamiarraren Guneak –Espainiako meskitarik handiena, M-30eko meskita gisa ezaguna– bidalitako imanak izatea.
Arrasateko komunitate musulmanaren jarduerak baina, "ez du inolako susmorik piztu", Ertzaintzaren iritziz. Horrela baieztatu du meskita berriaren inaugurazioan gonbidatu gisa parte hartu zuen Polizia autonomikoko kide batek. Bertako aktibitatea "normala eta gardena" dela dio, baino ondoren jakin izan dugunez, inaugurazioaren argazkiak eskatu zizkion Ertzaintzak herriko kazetari bati , "parte-hartzaileen artean pertsona susmagarriak izan zitezkelakoan", Bilbotik etorritako iman batzuk, alegia.
Dogma erradikalaren zabalpena herrialde "kristau desleialetan"
Wahabismoa, Saudi Arabiako Erresumaren dogma erlijiosoa, XVIII. mende bukaeran "erlijioaren erreforma kontserbadore" gisa jaio zen, baina XX. mendetik aurrera izan du gorakadarik handiena, Chaghouaoui irakasleak azaldu digunez, eta paradoxikoki "Mendebaldeko potentzien laguntzarekin".
"Saudiarabiarren helburua, erlijioaren praktika mundu osoan sustatzea eta musulmanen artean hegemonia erlijio-soziala lortzea da", dio Chaghouaouik. Horregatik, Al Qaedari lotuta dagoen Fatah Al-Islam bezalako taldeek "erlijio-erreferente" gisa hartzen dute Saudi Arabia, Haytham Al-Said imanak berak aitortu digunez, "salafismoa eta ' islam garbia ' defendatzen duen herrialdea delako".
1960ko hamarkadan, petrolio erreserben agerpenarekin batera, wahabismoa mundura hedatzen ahalegindu zen Riadeko erregimena. Mendebaldeko hainbat herrialderekin sinatutako akordioei esker egiten da zabalpen hori. Adibide bezala, Belgikako monarkiak meskita bat eraikitzeko eremua eman zion Saudi Arabiari "petrolio truke", dio Chaghouaouik. Horrela jaio zen Bruselako meskita erraldoia.
Bide berdinari ekin zion Espainiako erregimenak 90. hamarkadan eta Saudi Arabiarekin sinatutako akordioek Espainiako lehen meskitaren irekiera ahalbidetu zuten: Madrilgo M-30ekoa. "Nabarmendu behar da, tenpluaren eraikitze-lanez aparte, Saudi Arabiako doktrinan hezitutako imanen parte-hartzea ere akordioren parte dela, Saudi Arabiaren helburua diskurtso erreakzionario eta erradikala esportatzea baita, nora eta herrialde 'kristau desleial' batera", dio adituak.
Urte luzez, Saudi Arabiak Madrilen eraikitako M-30eko meskitan "inolako kontrolik ez dela izan" argitu digu Chaghouaouik, "2004ko martxoaren 11 arte". "Pentsa zenbat urte eman duen Saudi Arabiak bere diskurtso erradikala zabaltzen".
Saudi Arabiaren kutsurik ez dago momentuz Euskal Herriko meskitetan, izan ere tenpluen finantzazioaren zatirik handiena "fededunek jarritako dirua" dela azaldu digu Chaghouaouik. Halere, Pakistango Tabligh mugimendua edota Marokoko hainbat mugimendu islamista, Euskal Herriko meskita batzuen finantzazioaren atzean daudela ohartarazten du: "Dirua lortu ezean, Europako arduradunek Arabia Saudi edo beste herrialde erradikal batzuetara jotzen dute finantzazio bila. Hor dago, hain zuzen ere, erradikalizazioaren arriskua". | news |
argia-209bd80c2e02 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/euskararen-diskurtsoa-nafarroan.html | Koldo Martinez eta Joxerra Olano aurrez aurre | Xabier Letona | 2017-09-24 | Koldo Martinez eta Joxerra Olano aurrez aurre
Nafarroan, aldaketaren indarrak Foru Gobernura iritsi zirenetik, euskara guda-zelai bihurtu du oposizioak; eta une zehatzetan burrunba handia sortu du nafar gizartean. Zein diskurtsorekin erantzuten dute halakoetan euskaldunek eta euskaltzaleek? Zein ideiatan oinarritzen dute euskararen normalizazio prozesua? Joxerra Olano eta Koldo Martinez jarri ditugu aurrez aurre ideia hauen hausnarrean. Euskararen esparruko pertsona esanguratsuen iritziak ere bildu ditugu.
Ba al dugu euskararen diskurtsorik Nafarroan? Zuen ustez zeintzuk dira bere ezaugarri nagusiak?
KOLDO MARTINEZ. Guk hiru diskurtso ikusten ditugu Nafarroan euskararen inguruan: bi aldekoak dira eta bat ez. Euskararen aldeko bietan, elebitasuna ulertzeko era da haien arteko ezberdintasun nagusia, batzuentzat elebitasuna tranpa baita eta euskara Nafarroako bertako hizkuntza bakar gisa ikusten da. Geroa Baikoentzat, gaztelania eta euskara biak dira Nafarroako bertako hizkuntzak eta biak defenditu behar ditugu, noski, kontuan hartuta euskara gaztelania baino askoz ahulagoa dela. Euskaldunen eta erdaldunen eskubideak babestu behar ditugu, bi multzoen eskubideak kontrajarri gabe. Beste diskurtsoak kontrajarri egiten ditu eta hori oso arriskutsua da.
Hirugarren diskurtsoa oso hedatua dago, batik bat alderdi politiko batzuek oso barneratua dute, eta euskararen edozein aurrerapauso inposiziotzat hartzen du. Oso argiak izan behar dugu hauen aurrean eta diskurtso honi aurre egiteko dugun bide bakarra ahalik eta demokratikoen aritzea da. Adierazi behar zaie biek dituztela eskubideak, oreka bat behar dela eta oreka horretan euskara lagundu behar dela.
JOXERRA OLANO. Hiru diskurtso horiek hor daude, zalantzarik gabe. Koldok gehiago hitz egiten du politikatik, nik gehiago hitz egingo dut euskararen aldeko mugimendutik, eta mugimendu horretan ere ez dago diskurtso bakarra, diskurtsoak baizik. IKAn argi bereizten ditugu norbanako elebiduna eta gizarte elebidunaren kontzeptuak. Guk garbi egiten dugu norbanako elebidunaren alde; bi, hiru edo lau hizkuntza jakitea aberasgarria da, baina nik behintzat gizarte elebidun gutxi ezagutzen dut. Euskararen aldeko mugimenduan 90eko hamarkadan honako esaldi hau erabili genuen: "Hobe jakitea, ez jakitea baino".
Berezko hizkuntza dela eta, euskararen aldeko mugimenduan ere hainbat iritzi dira horretaz. Nire ustez, berezko hizkuntza lurralde bati lotutako giza komunitate batek berez duen hizkuntza bada, beste inondik ekarria ez dena, euskaldunen berezko hizkuntza euskara da. Beste kontu bat da gaztelania ere Nafarroako hizkuntza izatea, bertan mintzatzen delako.
Eskubideen gaia. Goazen 2015eko Hezkuntza Publikoko irakasle lanpostuen deialdira: euskaraz aritzeko atera ziren lanpostuak batez ere eta aurkakoen arabera, lan deialdia desorekatua zen eta kolokan jartzen zen euskaraz ez dakiten herritarrek funtzionario izateko duten eskubidea. Noiztik da hori eskubidea? Hori eskubide asmatu berria da. Administrazioa zerbitzu egokia emateko dago; horretarako langileak gaitasun batzuk behar izaten ditu eta gaitasun horien artean dago hizkuntza ere. Administrazioak medikuak behar dituenean eta dagokion lan eskaintza egiten duenean, inork ez du esaten medikuntza ikasketak eskatzeagatik ikasketa horiek ez dituena baztertzen ari denik.
Inposizioa… Tira, gogora datorkit Espainiako Erregeak 2001eko Cervantes saria ematean esan zuena [paperetik irakurri du]: "Nunca fue la nuestra lengua de imposición, a nadie se le obligó a hablar castellano, fueron los pueblos más diversos quienes hicieron suyo por voluntad libérrima el idioma de Cervantes". Jakina, gaztelaniak berezko dituen dohain zoragarri horiei esker zabaldu da munduan.
Inposizioaren diskurtsoa defendaezina da. Ez dago hizkuntza hoberik eta eskasagorik; behar komunikatiboak asetzeko tresnak dira hizkuntzak eta guztiek asetzen dituzte premia horiek.
Koldo Martinez eta Joxerra Olano Nafarroako Legebiltzarrean, hantxe egin genuen elkarrizketa.
K. MARTINEZ. Agian badira hizkuntza batzuk helburu batzuk lortzeko trebeagoak direnak, adibidez ingelesa. Hainbat gauzetarako ingelesa da munduan dagoen hizkuntzarik trebeena, kontzeptu berriak sortzeko adibidez, eta gainera mundu guztiak onartzen ditu, gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez… Zergatik gertatzen da hori? Ingeles hiztunak trebeagoak direlako agian… luze eztabaida daiteke hortaz.
J. OLANO. Hizkuntza baten arrakasta hizkuntza horretan mintzo direnen botereari guztiz lotua dago.
K. MARTINEZ . Bai, hala da. Horregatik, euskara bakarrik ez, botere kontuak ere aintzat hartu behar dira euskarari laguntza eman ahal izateko.
Diskurtso horiek egokiak al dira euskaraz normaltasunez bizitzera iristeko?
J. OLANO. Kontuan hartu behar da mezuaren hartzailea nor den. Nekeza egiten zait diskurtso bera erabiltzea administrazioari begira, euskaldunei, erdaldunei begira… Diskurtso bat baino gehiago erabiltzen dugu. Azken boladan modan dago diskurtsoaren gaia, eta uste dut esperantza gehiegi jartzen dela diskurtsoaren egokitasunean, hau da, diskurtsoan asmatuz gero sekulako aldaketak gerta daitezkeen ustea irenstea gaitz samarra egiten zait. Horrez gain, oso garrantzitsua da bakoitzak bere diskurtsoa zabaltzeko zer baliabide dituen kontuan izatea.
K. MARTINEZ. Guretzat lehen diskurtso hori –elebitasuna tranpatzat hartzen duena– oso kezkagarria da. Horrek gizartea bi muturretara eramaten du eta gauzak muturrera eramaten direnean, batzuek ala besteek irabazten dute, baina ez erdikoek, ez gehiengoak. Oso diskurtso zentratura jo behar dugu, horregatik azpimarratzen ditugu bai euskararen balioa eta baita gaztelaniarena ere.
Joxerra, jakitea hobe da ez jakitea baino. Ados, baina hori diskurtso utilitarista da eta ez digu mesederik egiten. Horretan oinarrituta, askoz hobeagoa da ingelesa, txinera, frantsesa edo arabiera jakitea, euskara jakitea baino. Aniztasunaren aldeko balio demokratikoa azpimarratu behar dugu, hizkuntzen gaian zentraltasuna lortzeko, batzuen eta besteen eskubideak bultzatuz, sakonduz eta errealitate bihurtuz.
J. OLANO. Lehen aipatu duzu gehiago interesatzen zaizula euskaldunen diskurtsoa zein den aztertzea, aurkakoena baino, baina diskurtsoak ez dira konpartimentu estankoetan egoten eta ideiak batetik bestera pasatzen dira. Adibidez, ekainean Batzarreko 16 militante ezagunek iritzi artikulu bat argitaratu zuten eta deigarri egin zitzaidan irakurtzea – eskubide kontrajarriak egon zitezkeen neurrian– haien jarrera tinkoari esker gobernuak ez duela gehiegizko neurririk hartu euskararen alorrean, herritarren eskubideekin talka egin zezaketen gehiegizko neurririk, hain zuzen ere. Ez zuten zehazten eskubide kontrajarri horiek zein diren eta ezta gehiegizko neurri horiek ere, baina euskararen aldeko neurriak arrakastatsuagoak izango direla zioten, borondatezkotasun printzipioa eta Nafarroaren errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuz gero. 80ko hamarkadako euskararen aurkako argudioen berpiztea iruditu zitzaidan.
Jo dezagun desiragarriena den egoerara, hau da, Nafarroa Garaiako herritar guztiek euskaraz jakitea. IKAk argi dio hori dela onuragarriena. Hori onuragarria litzatekeela ikusten badugu, gehiegizko neurriak zein lirateke? Inposizioa dela eta: inork ez du esaten "Karibe aldean 15 eguneko egonaldia inposatu didate". Gauza txarrak inposatzen dira, kaltegarriak izan daitezkeenak, ez onak, ez desiragarriak.
Zergak ordaintzeko garaian lehen mailako herritarra naiz eta zerbitzua jasotzean ere hala izan beharko nuke. Eremu euskaldunean bizi banaiz bigarren mailako herritarra naiz, euskarak duen lege babesa ez delako gaztelaniaren adinakoa eta eguneroko zerbitzuak ez ditudalako euskaraz jasoko; eremu mistoan bizi banaiz hirugarren mailakoa naiz eta eremu ez euskaldunean laugarren mailakoa. Inork ez du defendatzen elbarriak, demagun, %0,06 direla eta, zerbitzuak ere halako proportzioan emango zaizkienik.
K. MARTINEZ. Elbarriek lortu dute gehiengo demokratikoak onartzea haiek eskatzen dutena. Hori da euskararekin Nafarroan lortu ez duguna, hainbat arrazoirengatik seguruenik. Bat izan daiteke nafar euskaldunen gehiengoak izandako diskurtsoa bera, mutur batekoa izan delako. Gogoan dut Euskara Kultur Elkargoan nenbilenean "Euskaraz bizi nahi dut" leloa jarri zela abian, eta Elkargoan zera esaten genuen "Euskaraz ere bizi nahi dut", baina ez ziguten onartu eta hasiera batean nahiko jarrera hotza mantendu genuen kanpainarekiko.
Jarraitzen dut pentsatzen kaltegarria dela orain ere eta "Euskaraz ere bizi nahi dut" izan beharko lukeela. Gainera diskurtsoak egituratzerakoan errealitate soziolinguistikoa aintzat hartu beharrekoa da, euskaldunok %15 eta elebidun hartzaileak %10 garenean ezinezko baita pentsatzea zerbitzu publikoen %100 euskaraz egotea, euskaraz ez dakien %75a kontra egotera bultzatuko genukeelako.
Baina "ere" hori gure egunerokoan badago, euskaldunok euskaraz eta gaztelaniaz bizi ohi gara…
K. MARTINEZ. Ba ez, eta diskurtso hori lotzen dut elebitasuna tranpa gisa ikusten duen euskaldunen sektore horrekin, eta hori oso arriskutsua da euskararekiko. Lan eskaintza publikoa aipatu duzu, Joxerra. Hain gaizki komunikatu zen zergatik atera ziren hainbeste plaza euskaraz eta hain gutxi erdaraz! Hala ere, orduan ere argi utzi nuen, eskubidea ez da funtzionario izateko eskubidea, une hartan haur haiek euskaraz ere hazteko eskubidea baizik.
Administrazioan euskararen balorazioa sartzeko Nafarroako Gobernuak aurre-dekretua atera zuenean, EH Bilduk lehen bileran esan zuen murritza zela eta Izquierda-Ezkerrak gehiegizkoa zela. Orduan, nola erabakitzen da? Zer jartzen dugu mahaiaren gainean? Euskararen egiazko balioa edo euskara ez dakitenena eta administrazioan lanpostu bat lortu nahi dutenena?
Hori guztia kontuan hartuz Euskararen Legeak Nafarroa hiru zatitan banatzen duela. Legea aurten aldatu dugu, baina funtsean ez da aldatu. Zergatik? Ez dugulako horretarako gehiengorik. Hori da gure porrotaren adierazle garrantzitsuena. Errazena da erantzukizuna gobernuari botatzea, baina erantzukizuna gizarteak du, guk geuk, gehiengo hori lortu ez dugulako. Epe laburrean, helburua nafar guztiek euskara minimo bat jakitea litzateke; epe luzeagoan nafar guztiak euskaraz normaltasunez mintzatzea. Polita da esatea, baina hori lortzeko bitartekoak aipatu beharko genituzke eta hori une honetan oso zaila da. Nik balore demokratikoen bidea baino ez dut ikusten hori lortzeko.
J. OLANO. Kontua da, gaur egun oraindik badirela hainbat indar politiko ez datozenak bat helburu horrekin. Adostasuna bai, baina norekin? Euskara desagertuko balitz, poztu egingo liratekeela iruditzen zaidanekin? Adostasunaren atzean sarri eskakizunen langa jaistea besterik ez dago. Ez diot gobernua horretan dabilenik, baina horren arriskua badago.
Ofizialtasuna dela eta, ez nuen espero gobernuaren aldeko indarrak historikoki euskara Nafarroan ofiziala izatearen aldekoak izanik, ofizialtasuna akordio programatikotik kanpo uztea. Urrutitik bizi izan nituen negoziazio haiek, baina ondoren zera galdetu izan diot nire buruari: "EH Bildu eta Geroa Baik hori ezinbesteko baldintza gisa jarri izan balute, Izquierda-Ezkerra ausartuko zen UPN gobernuan uztera euskara Nafarroa osoan ofiziala izatearekin bat ez zetorrelako?". Eta nire erantzuna da ezetz, ez zela ausartuko.
Badugu zer kritikatu gure buruari. Hala ere, nahiz eta diskurtsorik egokiena egin, aurkakoek jarrera aldatuko lukete? Ez dut uste. Uste dut aitzakiak direla, oraintsu arte terrorismoa izan da, eta lehenago Unamunoren garaian kabernikola izatearekin lotzen zen euskaraz egitea. Hezkuntzako lan eskaintza publikoaren adibidean, Koldo, erantzuna antzekoa izango zen era batera edo bestera komunikatu.
K. MARTINEZ. Azken finean, helburu politikoen artean euskara bat da, nahiz eta batzuentzat hil ala bizikoa den, bai mutur batean zein bestean.
J. OLANO. Ni euskararen aldeko mugimendukoa naizen neurrian, niretzat euskara da helburu politiko bakarra. IKAn izan dugu sektore guztietara iristeko gaitasuna, instituzioentzat diskurtso bat erabiliz eta beste bat jendea erakartzeko garaian. Hori gauza bat da eta beste bat hizkuntza batzuk besteak baino hobeak direla eta gisakoak irenstea, eta pentsamendu horri tira egingo bagenio, arrazakeriara iritsiko ginateke.
Hezkuntzako lan eskaintzan edo Iruñeko euskarazko haur eskoletako aferan protesta handiak egon ziren gizarteko hainbat sektoretan. Euskaldunok zer transmititu behar diegu sektore horiei?
J. OLANO. Aspaldiko eskaria zen eta udalak egin behar zuena egin zuen. Erantzuna nahiko iraingarria izan zen: orain familia batzuk 200-300 metro mugitu behar zuten, eta beste batzuek orain arte seme-alabak euskarazko haur eskoletara eramateko aukerarik ere ez dugu izan, edo, onenera jota, etxetik kilometro pare batera zegoen haur eskolara eraman behar izan ditugu. Erabilitako argudioak egokiak izan ziren, baina guk megafonia txikia dugu eta haiek oso handia.
K. MARTINEZ. Bi esparru horietan aldaketa handiak behar ziren, eta bai Hezkuntza Saila eta bai Udala ez ziren gai izan behar hori sozializatzeko. Aldekoekin ez zegoen arazorik, baina bai euren burua kaltetutzat hartuko zutenekin. Horiekin gutxieneko adostasun batera iristeko ahalegina ere behar zen. Hori da Nafarroan oraindik falta zaiguna: euskararekin bat ez datorren jendea kontzientziatzea euskararen garrantziaz. Eta egin ez zirenez bi kontu horiek –sozializazioarena eta adostasun ahaleginarena–, ba euskara berriz ere gatazka motibo bihurtu genuen, gure borondate onenarekin izan bazen ere.
J. OLANO. Urratsik txikiena emanda ere, zenbaitentzat ez ote da euskara beti gatazka iturri izango? Horientzat urratsik txikiena ere beti da asko. Oraindik gogoan dut euskara ofiziala izateko 48.000 sinadura aurkeztu genuenean Miguel Sanzek esan zuena: "Guk 100.000 boto ditugu".
Beharrak, kohertzioak… zein leku dute euskararen diskurtsoan Nafarroan?
K. MARTINEZ. Guk argi dugu gizartearen zati batek bere haurrak euskaraz hazi nahi dituela eta hori eskubide bat da. Hor ez dago zalantzarik. Horrez gain, argi dugu euskara bultzatu behar dela euskara gure hizkuntza "ere" badelako, eta gainera aniztasunaren aberastasunean sinesten dugulako. Baina gaur egun euskaraz ikasi nahi ez dutenek ere euren eskubideak dituzte eta gaur egungo erronkarik handiena da batzuen eta besteen eskubideak orekatzea. Alde batera ematen duzun pauso minimo hori inposizio gisa ikusten da eta hori da legealdi honetan eta ondorengoan lortu behar duguna: Nafar guztiek onartzea euskara guztion balorea dela eta defendatu egin behar dela.
J. OLANO. Hemen "hizkuntzaren politizatzeaz" hitz egiten dute, baina norbaitek politizatu badu hizkuntza hori euskararen aurkakoak izan dira. Euskara haien proiektu politikoa aurrera ateratzeko trabatzat jo zuten Trantsizioaren amaieran, eta horren arabera jokatu dute, jendearen jarrera aldatzeko. Nola? Diskurtso jakin bat erabilita, eta egin duten hizkuntza politika eginda.
Lehen haize kontra ari ginen lanean euskararen aldekoak eta orain haize alde, baina oso haize leuna sentitzen dugu… Askoz haize indartsuagoa beharko genuke, eta horrela herritarrak ere sumatuko luke euskara beharrezkoagoa dela.
Euskararen inposizioa ere entzun behar izaten dugu… Hemen azken 500 urteetan inposatu den hizkuntza bakarra gaztelania da. San Inazioren bizitzari buruzko euskarazko liburua argitaratzea debekatu zuten XVIII. mendearen amaieran; euskarazko libururik ez zegoen argitaratzerik hemen… eta hori baino lehenagoko eta ondorengo beste hamaika adibide ere badira.
Horrez gain, historia ere kontuan hartu behar da hizkuntza baten ordezkatze prozesuan. Edo Espainiako Juan Carlos erregeak zioen bezala, gaztelaniaren zabalkundea egin zen "fundamentada en la libérrima voluntad de los más diversos pueblos…", hau da, gaztelaniaren dohainez txoraturik baztertu genuela gure hizkuntza?
K. MARTINEZ. Utzidazu bi pasadizo kontatzen. Bata Iruñeko kategoria handiko eskola pribatu batean gertatu zen eta irakasleak galdetu zien bere ikasle erdaldunei: "Y por qué creeis que han puesto en las entradas de la ciudad carteles de Pamplona-Iruñea?". Lehen erantzuna izan zen: "Porque vienen muchos vascos de veraneo a Pamplona". Hori garai batean ez zen gertatzen eta oso kontuan hartzekoa da. Hor ikaragarrizko atzerapausoa eman dugu Nafarroan, oso gaizki egin dugu eta ez dugu asmatu. Edo gu oso tentelak izan gara eta ez dugu asmatu komunikazioan, edo bestela besteak oso argiak izan dira eta izugarrizko boterea izan dute…
J. OLANO . Baina herritarren pertzepzioa aldatu daiteke. Asmatuko genuke geuk ere haiek izan dituzten tresna guztiak eskura izanda! Eta, hala ere, azken 30 urteetan hiztunak irabazi ditugu eta erabilerak ere gora egin du; azken azterketen arabera, puntu bat. Beraz, zerbaitetan asmatuko genuen. Besteak beste euskaldunei begirako diskurtsoan asmatu dugu eta Nafarroako euskaldunen artean euskararen aldeko kontzientzia handia dago, zorionez.
Gobernua bere ohiko jardunean euskara erabiltzearekin euskarari prestigioa ematen ari zaio dagoeneko, baina beldur naiz zuk aipatu duzun bigarren legealdirik ez ote den egongo. Ez dakit orduan ez ote dugun hitz egingo aukera galduen agintaldiaz. Ea ez den horrela.
Jon Alonsok euskararen inguruko kontsentsu politiko berri baten beharraz idatzi du ARGIAren "Aktualitatearen gakoak" argitalpenean, arrazoi demokratikoan eta euskaraz bizitzeko eskubidean oinarrituta.
J. OLANO. Zoritxarrez, Nafarroan kontsentsu politiko berri bati buruz hitz egitea zientzia fikzioa iruditzen zait. Garbi dut hemengo benetako agintarien euskararen inguruko jarrera kontsiderazio politikoetan oinarritua dagoela, eta horregatik dut fede gutxi diskurtsoetan. Jakina, saiatu behar da sektore bakoitzari diskurtso egokia helarazten. Oro har, euskararen aldekooi babes politiko gutxirekin aritzea tokatu zaigu gehienetan, eta uste dut erabat oker ez garela aritu. Dibulgazio lan bat egin behar da, zeresanik ez, bereziki ia hutsetik abiatzen garen tokietan, Erriberako zenbait herritan, adibidez. Egoki jokatzen badugu eta neurri politikoak hartzen baditugu, euskara gero eta beharrezkoagoa dela ikusiko dute herritarrek eta gora egingo du, zalantzarik gabe.
"Euskaraz bizi nahi dut" Kontseiluan sortu genuen eta horren jatorrian dago –ikusita Nafarroako Gobernuaren jarrera zein zen– eskubideen diskurtsoa agortuta ikusten genuela. Nik argi dut, "ere" hori beste batzuek jarriko diote. Zoritxarrez, egunerokoan gaztelaniaz egitera behartzen nau hemengo egoera soziolinguistikoak. Bizitzaren alor guztietan ez dut euskaraz bizitzerik oraindik ere, eta eslogan horrek hori aldarrikatzen du: gure lurrean, bizitzaren alor guztietan gure hizkuntzan bizi ahal izatea. Hori gutxieneko demokratiko bat da, eta ez dute onartzen.
K. MARTINEZ. Nire aitona Fiterokoa zen eta Elgetara emigratu zuen, ez zen euskalduna. Fiterora noanean, hango hizkuntza gaztelania da. Euskara totem bat bihur dezakegu eta nik uste dut egunerokoan hainbat arlotan bizitzeko tresna bat dela. Beste arlo batzuetan ingelesa da hizkuntza aproposagoa. Euskarak presa du, baina presarik gabe jokatu behar dugu, hori da dugun kontraesan sakonenetakoa. Eta une honetan, Legebiltzarrean, 50etik 26 boto ditugu, gure akordio xumeak aurrera eramateko.
J. OLANO. Euskara Nafarroa osoan ofizial egiteko gai ez den adostasuna…
K. MARTINEZ. Ofizialtasuna totem bat ere bada. Horrek zer esan nahi du?
J. OLANO. Hizkuntza guztiek behar duten legezko babesa izatea…
K. MARTINEZ. Eta horrek zer esan nahi du? Adibidez, Tuterako Udalean idazkari euskaldun bat egon behar dela? Itzultzaile zerbitzua ere bai?… Zer esan nahi dugu euskara ofiziala izango dela esatean? Horretan ados egon gaitezke, baina hartu beharreko neurriak aipatzen direnean, hor hasten dira diferentziak. Eta ez dugu ahaztu behar estatus ofiziala duten hizkuntza batzuk, gaelikoa Irlandan esaterako, kinka larrian daudela.
J. OLANO. Gauza bat da legezko babesa izatea eta beste bat zer epe, zer baliabide eta zein bide jarri behar diren… Izan daitezke iritzi desberdinak erritmoei buruz, baina lege aldetiko txapela izanda. Iruditzen zait bi urte barru txapel hori gabe segituko dugula eta, gainera, politikariei zaila izango zaizuela oposiziotik ofizialtasuna eskatzea, agintean zaudeten honetan euskara hizkuntza ofizial egiten ez baduzue.
HIZLARIEN PROFILAK
Joxerra Olano
Azkoitian (Gipuzkoa) jaioa 1962an. Iruñean bizi da eta euskara irakaslea da IKAko (Ikas eta Ari) Barañaingo Sahats Euskaltegian. Aurten 26. urtea egingo du Barañainen. Aurretik sei ikasturte egin zituen irakasle Arabako Errioxan. 1989an IKA sortu aurretik, AEK-ko irakasle izan zen.
Koldo Martinez
Eskoriatzan (Gipuzkoa) jaioa 1953an. Iruñean bizi da. Nafarroako Legebiltzarkidea da eta Geroa Bai talde parlamentarioko bozeramailea. Dagoeneko desagertua den Euskara Kultur Elkargoko lehendakaria izan zen. Urteetan Zainketa Intentsiboen Unitateko medikua izan da Nafarroako Ospitalean eta han du bere leku profesionala | news |
argia-5ef2eac5e7a4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/ainhoa-aznarez.html | Gizarte kohesioa eta kultur aberastasuna | Ainhoa Aznarez Igarza | 2017-09-24 | Gizarte kohesioa eta kultur aberastasuna
Rafael Yuste neurobiologo espainiar ospetsuari orain dela gutxi egindako elkarrizketa batean aditu nion esaten euskara ikasteko interesa piztu zitzaiola nahiz eta bera madrildarra izan eta Estatu Batuen eta Espainiaren artean bizi. Hona bere hitzak: "Zoragarria iruditzen zait, eta Espainiako nahiz Europako ikastetxe guztietan irakatsi beharko lukete.
Europan ez daukagu beste hizkuntza aurre-indoeuroparrik: egitura gramatikal zehatz eta harrigarria du, eta mundua deskribatzeko era zuzen horrek liluratu egiten nau. Ni ez naiz euskalduna, nire familia errioxarra baita. Gauza bat benetan gustatzen baldin bazaizu, ez duzu zertan azaldu zergatik egiten duzun. Euskarak liluratuta nauka".
Gure hizkuntzaren –euskararen– garrantzi kulturala aski izan beharko litzateke zaindua, partekatua eta miretsia izan dadin. Halere, aldiro ikusten dugu euskararen erabilera lege bidez arautzen dela. Jada 1986an, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean jasota ageri zen hizkuntzek berebiziko garrantzia daukatela bizikidetzari eta elkar ulertzeari begira, eta berezko bi hizkuntza dauzkagula kontuan hartuz, herritar guztien hizkuntz eskubideekiko errespetua funtsezko osagai bihurtzen da pertsonen arteko kohesio soziala lortzeko.
Gizartearen gehiengoa aspaldi jabetu zen euskara Nafarroako berezko hizkuntza bat dela, bai eta hizkuntza minorizatu bat ere, historian zehar neurri hertsatzaileak pairatu dituena zenbait alditan, halako moduan non murriztu egin baita bere erabilera; hori dela-eta, babestu eta sustatu egin behar da, nafar guztion ondarea den aldetik. Hala ageri da jasota arestian aipatutako foru legean, eta baita Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartan ere, zeina Espainiak 1992an sinatu eta 2001ean berretsi baitzuen. Lege horrek argi eta garbi ezartzen du neurri bereziak hartu beharra dagoela erregioen edo gutxiengoen hizkuntzen mesedetan, hiztun horien eta gainerako herritarren arteko berdintasuna sustatzera bideratuak eta hiztun horien egoera aintzat hartuko dituztenak, bai eta Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak emandako gomendioak eta Adituen Batzordeak 2005ean, 2008an, 2012an eta 2016 egindako txostenak ere.
Nafar emakume eta gizon guzti-guztion hizkuntz eskubideak bermatzeaz ari gara. Hartara, Nafarroako Parlamentuak Euskarari buruzko Foru Legea aldatzea onetsi du aurten –Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aldeko botoa eman zuten, eta UPNk, PSNk eta PPNk, aldiz, aurkakoa–. Zehazki, gaztelaniazko izenburua aldatu da ( Ley Foral del Vascuence zena Ley Foral del Euskera da orain); 5.1b artikulua aldatzean beste 44 herri gehiago sartu dira eremu mistoan udal horietako osoko bilkuren erabakiei esker, eta toki entitateei aitortu egiten zaie euskararen erabilera arautzeko edo sustatzeko eskumena.
Asmoa da, azken finean, legea garatzen jarraitzea; euskararen erabilera normal eta ofiziala arautzen jarraitzea gizarte-bizikidetzaren arloetan eta irakaskuntzan; herritarrek euskaraz jakiteko eta euskara erabiltzeko duten eskubidea babestea eta eskubide hori gauzatzeko tresnak definitzea; euskararen biziberritzea eta garapena babestea, erabilera sustatzeko neurriak hartuz; euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea borondatezkotasun, mailakatze eta begirune irizpideei jarraikiz eta Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera.
Nekez egingo dugu aurrera euskararen normalizazioan ez baditugu Parlamentuan onetsitako legeak garatzen eta betetzen eta sinatutako akordioak eta itunak behin eta berriro urratzen baditugu. Orain falta zaiguna da hartutako konpromisoak betetzea eta bide-orri bat jarraitzea lehengo gobernuekin gertatu den bazterkeria eta murrizketa egoera amaiarazteko balioko duten ekintzak taxutzeko. Jar dezagun behar adina baliabide eta joka dezagun ikuskera zabalez, gure kultur balio ederrenetariko bat liskar-iturri izatea ekiditeko, eguneroko bizitzan komunikatzeko erabiltzen ditugun hizkuntzak –batzuen kasuan, errealitatea elebiduna da, eta beste batzuenean, berriz, eleaniztuna– gizarte kohesioaren oinarri eta kultur aberastasun bai baitira: nik ere euskaraz bizi nahi dut.
Ainhoa Aznarez Nafarroako Legebiltzarreko lehendakaria da | news |
argia-e0cc75e0e887 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/euskal-bankuek-arma-enpresei-bideratutako-dirua-2011-15.html | Euskal bankuek arma enpresei bideratutako dirua (2011-15) | Estitxu Eizagirre | 2017-09-24 | Euskal bankuek arma enpresei bideratutako dirua (2011-15)
Caja Rural 16.472.208 €
Nori: Indra, Maxam, Oesia.
Crédit Agricole 4.634.369 €
Nori: Indra, Navantia, Airbus, Finmeccanica, Babcock&Wilcox, BAE systems, Thales, Serco, Boeing, Lockheed Martin, Raytheon, Safran, Fluor, Larsen & Toubro, Bechtel.
Kutxabank 2.733.850 €
Nori: Indra, Sener.
Arma enpresen finantziazioa gakoa da armak ekoizteko. Espainiako Estatuko arma enpresen zorpetze ratioa batez beste %73 da, gainerako industrien antzerakoa. Honek esan nahi du, lau armatik hiru ez liratekeela egitera iritsiko, arma industria bankuek eta beste erakundeek finantzatuko ez balute. Herritarrak ziurtatu nahi badu bere dirua ez dela armak egiteko erabilia izango, Banku Etikoak dira hori bermatzen dioten bakarrak.
Iturria: Delàs Zentruaren Los bancos que intervienen en armas txostena. | news |
argia-c67a6f773317 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/remigio-mendiburu.html | Txango historiko bat | Aritz Galarraga | 2017-09-24 | Txango historiko bat
XX. mendeko euskal artista nagusien artean, Remigio Mendiburu hondarribiarra. Bost eskultura dauzka ikusgai jaiotze-hirian sakabanatuta. Zer hoberik, horiek guztiak txangoan lotzea baino. Mendibururen obra ezagutuz ezagutzeko Hondarribia.
Artearen kontzepzio estu batetik –jar dezagun estetikaren sublimazio gisa ulertuta–, pentsa daiteke Hondarribia dela artea inspiratzeko toki egokia: imajinatu, mihise, pintzel, kapela, pintorea hiriko estanpa eder horietako bat harrapatu nahian. Baina, kasualitatea, gertatzen da historian zehar artearen garapenerako gune egokia ere izan dela. Egun aktibo dagoen artista sorta horren erakusgarri: Judas Arrieta, Sergio Prego, Maider Goikoetxea, Iñaki Gracenea, Aiert Alonso, gutxi batzuk aipatzearren. Denboran atzerago eginda, jakingarria da Hondarribiak Gaur taldearen osaketan izan zuen garrantzia.
Gaur taldeak, aurkezpenik ez du behar, 60etako euskal artea irauli zuen, hurrengo hamarkadetako artearen oinarriak jartzeaz gainera. Tartean ziren Oteiza, Chillida, noski, Amable Arias bezalako artista gorenak. Hondarribiari dagokionez, Alde Zaharrean zituzten tailerrak Rafael Ruiz Balerdi eta Jose Antonio Sistiaga taldekideek. Nestor Basterretxea oraindik ez zen bertan bizi, baina Oteizarekin batera etxea zuen Irunen, salto batera. Eta, nola ez, gaur guri hemen interesatzen zaigu, hiriko seme bat zen partaide esanguratsu, Remigio Mendiburu, Hondarribian zehar txangoa egiteko aitzakiatzat hartuko duguna. Aitzakia baino, motibo, eta ez nolanahikoa: Mendibururen obra ezagutuz ezagutuko dugu Hondarribia, eta Hondarribia ezagutuz Mendibururen obra.
Remigio Mendiburu, Oteizarentzat: "Zalantzarik gabe, gure artean, euskal sendotasun handieneko eskultorea" (eta hori zehatz zer den auskalo), "identifikatuena gure Euskal Herriarekin, eta modurik sinpleki naturalenean". Bernardo Atxagak ulergarriago esan zigun: "Euskal Herrian sekula izan den artistarik basatiena". Hondarribian jaio zen, 1931n, eta Hondarribian datza, 1990ean Bartzelonan hil ondotik. Datza, halaber, bere obraren erakusgarri batek. Ez alferrik, guztira bost eskultura daude sakabanatuta hiriko beste hainbeste puntutan. Seigarren bat ere bai, baina Herriko Etxeko Batzar Aretoan: zail da Ama Guadalupekoaren irudi hori ikustea, ez bada udal bilkura edota ezkontza batean; biak ere okasio nekezak, aukeran.
Ur ertzetik
Nolabait antolatu behar txangoa, eta has dezakegu bidea behetik, ur ertzetik, hain zuzen Bidasoa eta aireportua gurutzatzen diren lekutik. Puntal (garai batean de España) auzoa, bertan dago Txoria , justu Europan zeharreko migrazioan hegaztien pausaleku den Txingudiko badian. Lakio, kaiola, ehiztari tranpak egin izan zituen Mendiburuk, txori bat aske egin zuen 1985ean, itxura batean kantuan. Brontzeak ezin, urte sasoiaren arabera migrariek zail, suerte pixka batekin baltsen bat entzun daiteke pianoan, Chopin, etxe bateko leihotik. Pierre Lotiri eskainitako parkean dago Txoria , idazle-militarrak Hendaian zuen etxea parez pare. Estatua bat jarri nahi izan zioten hortxe behin, aspaldi (edo ez hainbeste), baina omendua antiklerikalegia omen zen. Mendibururena Lotirenean jarrita, kontzientziaren bat baretuko zen azkenean.
Pierre Lotiri eskainitako parkean dago 'Txoria', Mendibururen eskultura ezagunetako bat (argazkia: Nùria Juan Serrahima).
Bertan ramuntxo egoteko tentazioa utzi, eta jarrai dezagun aurrera. Javier Ugarte kalean, Carlos V.aren gaztelu atzean, Oilar-eneatik Alde Zaharrera igotzen gaituen igogailuaren ondoan, Talua . Eskultura bereziki entrainablea. Jaso bezala kontatuko dut: ondoko etxeko teilatutik, Mendibururen tailer, bota omen zuen eskaiola puska handi bat, eta erori moduan egin zuen handik denbora batera pieza brontzean. Mendiburuk amaren suizidioarekin lotzen zituenez lurreko txoke horiek, lanerako bide hori utz zezala eskatu zion Oteizak.
Handik ez oso urruti, Eguzki plazan, udalak eskuratu Mendibururen azkena, Izenbururik gabea (horixe du izenburu). Handik ez oso urruti halaber, Remigio Mendiburu kalea. Kale horretan bizi direnekiko errespetu guztiarekin: eskasegia artistak merezi duen aitorpenerako. Google Maps-en ere ezin da ikusi. Eta, hona iritsita, eskaera bat: erakundeek hartu beharko lukete lana, fundazio, museo edo dena delako bat sortzeko, beste batzuekin egin den bezala –Oteiza, Chillida, zorte hobe edo makurragoarekin–, Mendibururen lana ezagutarazteko.
Mendira
Mendi aldera egin beharra dugu orain, Guadalupeko ermitara. Ondoko zelaian dago Txalaparta , Ez Dok Amairu taldearen irudi ikoniko, 1966ko Veneziako Bienalean erakutsi zena. Txoria bisitatuari gertatzen zaion gauza bera: originala zen egur, brontzera pasatzean galdu dute graziaren parte handi bat. Eskulturak baliatu izan dituen material guztiak landu zituen Mendiburuk, baina zurarekin izan zuen erlazioagatik da ezagun. Pagoa batez ere, eta haritza. XII. mendeko Bernardo sainduak esandakoari kasu egin izan balio bezala: "Basoak liburuek baino gehiago erakutsiko dizu". Material pobreak erabili izan zituen, inork nahi ez dituenak, material oparitu, utzi, aurkituak, habe zahar, enbor ahaztu, zabortegietatik hartuak. Noski, zura aire zabalean gaizki, brontzean erakustea litzateke aukera txarren artean onena.
Oraindik gorago, Jaizkibelgo tontorraren ondotxoan, Herrien Batasuna , izen antzeratsuko alderdi politikoa baino puskaz lehenago, 1963an. Arrautza Frijitua izen popularragoarekin ezagutzen du jendeak. Sinbolikoki indartsu: Pasai Donibane (Pasaia Hondarribikoa zena) eta Hondarribia liskartuta ibili dira, XVII. mendetik aurrera. Adibidez, pasaitarrek burujabetza aldarrikatzeko ekintza bat egin, eta Hondarribiko apaizak adar bedeinkatu batzuk eta gurutze bat haien aurka jaurti. Hortik Herrien Batasuna mugarriaren beharra, historiako bake garairik egonkorrenari bide egiteko. Mendiburuk eskultura dagoen tokian jartzeko erabakia hartu zuen bikote bat ikusi zuelako bertan zirrika, amodio gune gisa. Ez litzateke eskultura bultzatzeko estrategia okerra, zirriak egiten diren leku bakoitzean jartzea bana.
Eskulturak nola eta non lekutu erabakitzeko orduan izaten omen zituen Mendiburuk zailtasunak. Ibilbidea bukatuta, esan dezagun hobeto daudela dauden moduan eta lekuan –ez akaso ondoen–, inon egongo ez balira baino. Gogoratuz Oteizak Mendiburuz esan zuena, "historiko bat, kritikarik gabeko, historiarik gabeko herri batean ", osatu dugu txangoa. Txango historiko bat. | news |
argia-2781beeadfee | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/pepsiren-itsas-armada-sobietarra.html | Pepsiren itsas armada sobietarra | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-09-24 | Pepsiren itsas armada sobietarra
Mosku, 1959ko uztaila. New Yorken SESBri buruzko erakusketa bat prestatu eta hilabete batzuetara, Sobietar Batasuneko hiriburuan AEBetako Erakusketa Nazionala antolatu zuten, Gerra Hotza pixka bat epeldu nahian. Erakusketako standak bisitatzen ari zela beroaldia jasan behar izan zuena Nikita Khrustxev Alderdi Komunistako lehen idazkaria izan zen, beharbada Moskuko udako tenperaturengatik ala, agian, AEBetako presidenteorde eta erakusketako gidari Richard Nixonen ohiko hitz-jario astunaren erruz.
Kontua da Khrustxev izerdi patsetan iritsi zela Pepsiren stand parera, eta Donald Kendall freskagarri enpresako marketing presidenteordeak aukera ez zuela alferrik galdu. Edalontzia bete Pepsi hartu eta sobietar buruzagiari eskaini zion. Time aldizkariaren arabera, sobietarrak hurrupa "eszeptikoa" eman zion freskagarriari. Hortxe hasi zen Pepsiren eta sobietarren arteko idilioa.
Donald Kendall 1963an izendatu zuten Pepsiko presidente (eta Nixon 1969an AEBetakoa). Moskuko elkarretaratze hartatik aurrera asmo bat zebilkion buruan Kendalli: Pepsi SESBen salduko zen lehen produktu atzerritarra izatea (eta, ahal izanez gero, bakarra). Urte luzez negoziatu ondoren, 1972an akordioa sinatu zuen sobietarrekin. Baina errubloa nazioarteko merkatuan trukatu ezin zitekeenez, nola ordainduko zituzten sobietarrek freskagarri kapitalistak? Countertrade edo konpentsazio merkataritzaren bidez, beste edari batekin egingo zuten trukea. Pepsi Stolichnaya vodkaren inportatzaile esklusiboa izango zen AEBetako merkatuan. Eta handik bi urtera Sobietar Batasuneko Pepsiren lehen fabrika abiarazi zuten Novorossiysken.
1980ko hamarkadan harreman berezia krisian sartu zen. 1980an Olinpiar Jokoak Moskun egin ziren, eta haien ustiatze-eskubideak Coca-Colarenak ziren 1924tik. Gainera, 1985eko urtarrilaren 23an sobietar agintariek Pepsiren lehiakide nagusia merkaturatzeko baimena eman zuten, turistei saltzeko besterik ez izan arren.
Promiskuitate kontsumitzailea saihestu nahian, Kendall sobietarrekin bildu zen eta beste akordio bat sinatu zuen 1989an: Pepsik hamazazpi gerra-urpekari, gurutzaontzi bat, fragata bat eta destruktore bat jaso zituen. Hala, SESBek itsas armada zaharkitua garbitu zuen eta Pepsi munduko seigarren potentzia militarra bihurtu zen, urpekari kopuruari zegokionez. Diotenez, Donald Kendallek hau esan zion Bush aitaren segurtasun kontseilari Brent Scowcroft-i: "Sobietar Batasuna zuek baino bizkorrago armagabetzen ari gara". Egoera hark, jakina, egun gutxi batzuk besterik ez zuen iraun, ontziak txatarra birziklatzen zuen suediar enpresa bati saldu baitzizkioten.
Azkenean, Perestroikak hautsi zuen bikotea 1990eko hamarkadaren hasieran, eta egun Coca-Colak gaina hartua dio Pepsiri Sobietar Batasun ohiaren merkatuetan. | news |
argia-dc9fc5f1b0fc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/munduko-alferrok-batu-zaitezte.html | "Munduko alferrok, batu zaitezte" | Juan Mari Arregi | 2017-09-24 | "Munduko alferrok, batu zaitezte"
Milaka langile, frantziar zein euskaldun, kalean erakusten ari dira greba eta manifestazioekin Macronek Frantziako Estatu osoan inposatu nahi duen lan erreformaren kontra daudela.
Rajoyren Gobernuak ezarri zuen erreformaren antzekoa da: kaleratuarentzako indemnizazioak merkatzea, multinazionalentzako abantaila gehiago langilea kalera botatzeko, negoziazio kolektiborako mugak sindikatuei… Horiek dira hartu nahi dituen neurrietako batzuk, kapitalaren zerbitzura.
Frantziako presidenteak, bere marketin pertsonalerako dirutza gastatzen duen bitartean, sindikatuen artean dagoen banaketa aprobetxatu du mobilizazioen aurretik esateko ez duela "alferren, zinikoen eta muturrean daudenen aurrean etsiko". Bada, "alfer" horiek, grebalariek, Macroni erantzun diote oihukatuz: "Munduko alferrok, batu zaitezte". Deialdi horri toki guztietako "alferrek" egin beharko liokete kasu, orain Macronen lan erreformak ordezkatzen duen ofentsiba kapitalistari aurre egiteko. "Macron eta bere munduak legalki hiltzen gaitu" izan da manifestatzaileen beste garrasietako bat.
Macronen erreformak euskal herritarrak ere hiltzen ditu "legalki", Hego Euskal Herrian Rajoyrenak egin bezala. Beste irakasgai bat atera dezakegu beraz: Madril eta Parisen erreforma laboralak sufritu ditugun euskaldunok gure herriaren subiranotasunaren aldeko fronte sozial bat ireki beharko genuke. Horrela baino ez dugu lortuko aberastasunaren banaketa justuago batentzako tresnak izatea eta eskubide sozial eta laboralak bermatzea. Rajoyk bezala, Macronek bere erreforma inposatuko digu, baina alferrok ez gara haren aurrean belaunikatuko. | news |
argia-54b2b5102595 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/amiantoaren-kontrako-militanteok-industriaren-infiltratu-bat-daukazue.html | Amiantoaren kontrako militanteok: industriaren infiltratu bat daukazue | Pello Zubiria Kamino | 2017-09-24 | Amiantoaren kontrako militanteok: industriaren infiltratu bat daukazue
Bere jokabide atsegin eta jatorragatik lortuko zuen edo eta kanpainetan erakusten zuen kemenagatik, baina amiantoaren aurkako mundu mailako liderrek lau urtez konfiantza eduki zuten Robert Moore ingelesarengan. Ekintzaile kualifikatuenen artean azpilanean ari zen mundua oraindik material kutsakorrez betetzen duen industriarentzako. Asbestoa hilgarria dela jakin eta mende bete geroago, herrialde gehienetan haren ekoizpen eta salmenta ez etetea lortu dute.
1998an sinatu zen Rotterdamgo Ituna , gai kimiko arriskutsuen nazioarteko salerosketetan erosleak arriskuez informatzea derrigorrezko egiten duena. Nazio Batuen Erakundearen babesean Itunak urtero burutzen du biltzarra; estatuetako agintariekin batera elkartzen dira bertan, batetik industriaren ordezkariak, eta bestetik gai kutsakorrak arautzeaz gain debekatzea sustatzen duten erakundeak.
Hasieratik da amiantoaren debekua Rotterdamgo Itunaren eztabaidagai gatazkatsuenetakoa, urteroko biltzarrean hartze du parte Amiantoaren Gaixotasunaz Ohartarazteko Erakundeak (ADAO ingelesezko sigletan), militanteen artean kutsagaiaren biktimak ere biltzen dituena. 2017ko hitzaldietan ADAOren ordezkaritzan falta zen aurpegi ezagun bat, Robert Moore. Hilabete batzuk lehenago jakin zen ustez kutsagaiaren kontrako gudari sutsua zena benetan mahaiaren beste aldekoen espioia zela, asbestoaren patronalarena.
ADAOren fundatzaileetakoa den Linda Reinsteinek 2006an senarra galdu zuen lanpostuak eragindako mesotelioma batek eramanda, alegia, amianto zuntzek sortutako minbiziak. "Gure elkarteak –esan dio Montreal Gazette egunkariari– milaka dolar xahutu ditu alferrik Rob Moore konbidatu eta haren gastuak pagatzeko. Diru galera baino gogorragoa da, ordea, traizionatuak izatearen mina. Latza da, ezin barkatuzkoa, horrelako bat asbestosiaren biktimen biltzar batean gertatzen ikustea. Ez al dugu nahikoa sufritu?".
Zinegile akreditazio legezkoa erabiliz, estreina Amiantoaren Debekurako Nazioarteko Idazkaritzara (IBAS ingelesezko sigletan) hurbildu zen Moore Londresen. Amiantoaren kontrako ekintzaile nekaezin bezala agertuko zen kide ezagunenen artean. Gaiaz prestatzen ari omen zen dokumentalaren aitzakian, mugimenduak mundu osoan dauzkan taldeen bileretan infiltratu zen, liderren joan-etorri eta planez informazio zehatzak jaso, biltzar publikoetan parte hartu, berak espiatzen zituen erakundeen ordezkari izatera iritsiz.
AEBetan ari den ADAO elkartean sartu zuen muturra eta baita Kanadako militanteen artean ere. Kathleen Ruff kanadar beteranoak kazetariari kontatu dio nola aurkitu zuen Moore Thailandiako biltzar batean. Ruffek berak lagundu zion Rotterdamgo Itunaren 2015eko ediziorako kredentzialak lortzen. Gogoan dauka galdera asko egiten zituela mugimenduaren finantziazio iturriez eta nola eskatu zion bitartekari egitea –eta militante zaildu zuhurrak ukatu– Kanadako gobernuaren barruan amiantoaren aurkakoekin harremana zuten funtzionarioekiko.
Kontua da 2016ko irailean Global Witness gobernuz kanpoko erakundeak Londresen auzitara eraman zuela Robert Moore amiantoaren kontrako mugimenduak espiatzeagatik. Antza denez, Moorek berak jo zuen munduko ustelkeria kasuak ikertzen dituen Global Witnessera aitormen harrigarriak eginez : infiltratua zela, K2 Intelligence segurtasun enpresak pagatzen ziola, enkargua Kazakhstanen krisotilo –amianto zuri– meategia daukan Nurlan Omarovek egin zuela, gaiak nahigabe gero eta handiagoa sortzen ziola...
Moorek Global Witnesseko buruei sekretua isilpean gordetzea eskatu zien, beldur zelako kasua jendearen aurrean azaltzeak kaltetuko zuela BBC kate publikoaren buruzagitzan dagoen bere arreba Charlotteren karrera profesionala. Ez zioten eskaria onartu eta gaia amiantoaren aurkako mugimenduari jakinarazi zioten, epailearen eskuetan uzteaz gain. Moorek kideei ostutako 300.000 dokumentu entregatu behar izan zizkion epaileari.
"Oraingo amiantoa ez da lehengoa"
Asbestoaren patronalaren espioiak bazituen motiboak Kanadako mugimenduetan muturra sartzeko. Munduan ziento erdi herrialdek daukate debekatuta amiantoaren komertzializazioa, tartean Europa osoak, baina gainerakoetan libre saltzen da, tartean AEBetan eta Kanadan. Industria urduri zebilen Justin Trudeau lehen ministroak urte hasieran iragarria zuenetik Kanadan ere debekua ezartzeko erabakia.
Munduko Osasun Erakundearen kalkuluetan urtean amiantoak planetan 100.000 heriotza eragiten duen arren, ez da lortzen haren erabilera mozterik. Rotterdamgo Itunaren 2017ko edizioan biktimen elkarteak saiatu dira debekua lortzen, baina porrot egin dute berriro. India, Errusia, Kazakhstan eta Zimbabwek kontra bozkaturik, pikutara joan da proposamena, Itunaren arauen arabera herrialde guztien unanimitatea behar baitu erabakiak.
Industriak lobbygintza eraginkorra egiten du eskueran dauzkan bitarteko guztiekin beraiek beti krisotiloa deitzen dutena saltzen jarraitzeko. Amianto edo asbesto zuria besterik ez da krisotiloa baina industrialek jendeari sinetsarazi nahi diote arriskurik gabe erabil daitekeela. Alde batetik, asbestoaren arriskugarritasuna demostratu duten ikerketen inguruan zalantza bat sortzen ahalegintzen dira. Tabakoaren, petrolioaren edo ikatzaren industriek darabilten taktika berean, kontua ez da zientzia gezurtatzea, plazaratutako ikerketen balioaz zalantza zabaltzea baizik.
Kathleen Ruff ekintzaile kanadarrak ongi ezagutzen ditu metodook: "Zientzia usteltzen dute. Industriak zientzialari batzuei pagatzen die ikerlan ez objektiboak argitaratu ditzaten. Kanadan urte luzez zabaldu dituzte txosten zientifiko faltsuak, herrialdearen osasun politika usteldu dutenak".
Amiantoaren kontrako borrokan ekintzaileek egiten dute topo industrialen diruz sortutako Gobernuz Kanpoko Erakundeekin ere, eztabaidak eta ekintzak katramilatzen ahalegintzen direnekin. Beste tresna klasiko bat da Robert Moore bezalako espioiak mugimenduetan infiltratzea, lobbyek orain K2 Intelligence bezalako segurtasun enpresen bitartekaritzarekin disimulu handiagoz lortzen dutena.
Mooreri K2 Intelligencek emandako enkarguaren pagatzailea Nurman Omarov kazakhstandarra, Krisotiloaren Nazioarteko Elkartearen (ICA ingelesezko sigletan) zuzendaritzakoa da. Izen neutro horrek estaltzen du amiantoaren munduko patronala. Errusia, Txina eta Brasilekin batera Kazakhstan da munduko ekoizle nagusia, eta debekuaren kontrako gurutzadan bidaide dituzte AEBak, Kanada eta beste herrialde askotako industrialak ere.
Zientziak eta esperientziak amiantoaren hilkortasunaz erakutsi digutena gezurtatzen diru asko darabilte, adibidez No Crysotile Ban (Krisotiloa Ez Debekatu) bezalako webguneen bitartez. Errusian eta beste askotan amiantoaren arriskuaz kasik inork ez hitz egitea lortu dute. Bitartean, mesoteliomak ugarituz doaz munduan. | news |
argia-cb4bedf372a8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/euskal-herriko-enpresek-esportatutako-armamentua-2015-2017.html | Euskal Herriko enpresek esportatutako armamentua (2015-2017) | Estitxu Eizagirre | 2017-09-24 | Euskal Herriko enpresek esportatutako armamentua (2015-2017)
Delas Zentruaren mapak erakusten ditu gerran diren herrialdeak (gorriz), barne gatazkak dituzten puntu beroak (laranjaz) eta gerretan parte hartzen ari diren herrialdeak (horiz). Bildu ditugun datuekin kokatu ditugu mapan puntu beltzak: hauek erakusten dute Euskal Herriko enpresek puntuak markatutako herrialdera gai militarrak esportatu dituztela. Enpresek ez dute obligaziorik expotazio hauek publiko egiteko eta beraz, ditugun datuak izebergaren punta baino ez dira. Horien artean nabarmentzen dira: Saudi Arabiara esportatutakoak Sapa eta Sener enpresek; Turkiara Sapak; Egiptora Sapak; eta Indiara Sapa eta Goratu-k.
Euskal Herriko enpresen armamentua erosi duten herrialdeek gerretan duten parte-hartzea agerikoa da. Dakigula, herrialde hauek gerretan erabili dituzten hegazkinen piezak ere Euskal Herrian eginak dira: Eurofighter hegazkina Siria bonbardatzeko erabili dute bai Saudi Arabiak baita Erresuma Batuak ere. Eurocopterra Afganistango gerran erabili zuen Frantziak, Tauro eta Iris-T misilekin.
Iturriak: Estas guerras son muy nuestras (Gasteizkoak kolektiboa), www.tedae.org, www.itp.es.
Europar Batasunaren Merkataritzaren Hitzarmenak "urrezko arau" hauxe du: Debekatzen die estatuei arma konbentzionalak igortzea beste herrialdeei, baldin badakite erabiliak izango direla genozidioa egiteko, humanitatea zauritzeko krimenak egiteko edo gerra krimenak egiteko, edo hauetakoren bat egiten laguntzeko erabiliko badira.
Hauek dira, dakigula, herrialde bakoitzera esportatzen duten enpresak. Izebergaren punta baino ez dira ezagutzen diren esportazioak, arma enpresak ez baitaude informazio hori ematera behartuak:
SAUDI ARABIA: Sapa, Sener.
IRAN: Goratu.
TURKIA: Sapa.
JORDANIA: Sapa.
OMAN: Sapa.
TAIWAN: Sapa.
INDIA: Sapa, Goratu.
EGIPTO: Sapa.
ERRESUMA BATUA: ITP.
SUIZA: Sapa.
TXEKIA: ITP.
PORTUGAL: Beretta.
ESPAINIA: Gehienek.
ARGENTINA: Sapa. | news |
argia-4cc97aff0ec7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/barrikakada-urte.html | Barrikakada urte | Jakoba Errekondo | 2017-09-24 | Barrikakada urte
Jende askoren galdera da urteen poderioz zergatik edari batzuk aldatzen diren eta beste batzuk ez. Erantzuna motza eta zehatza da, baina bide luzeak ireki eta era askotara loratzen direnetan barrena gozatzeko aukera ematen du. Erantzuna motzean: hartzitzen diren edariak etengabe aldatzen joango dira (sagardo, ardo...), garapen horretan ondu, hobetu, mindu, ozpindu... Denetik gerta daiteke. Hartzitu ordez, egosi eta irakinarazitako edarietan (destilatuak, patxarana...) behin botilaratuz gero ez dira gehiago aldatuko.
Eta edari horietako bati segika, bide luze horietako bat dugu gaurko hau: Rhin ibai aldera joko dugu. Ibai horren gune historikoenetako batean dago, bertakoen hizkuntzan Strossburi, guretzat Estrasburgo dena. Hango ospitale edo eritegi nagusiaren gunera goaz. Bertan, administrazio eraikin baten bazter batean ezkutu samarrean dagoen eskailera irten baten hegaletik ate bikoitz batera iritsiko gara. Ate horren atzean dagoen katakonba antzeko harpeko sotora sartu eta begiak ohitzean aurkituko duguna historikoa da.
Upategi bat da, 1395ean eraikia, eta bai, gudaz guda, gaur arte zutik iraun du. Upel izugarriak daude han, XVIII. eta XIX. mendekoak gehienak, 1881ekoa da 26.080 litroko bat, baita 1727ko dolare ikusgarri bat ere. Hantxe dago inon ezagutzen den zurezko barrikan dagoen ardo zaharrena: burdin hesi baten atzean, 1472 dioen 450 litroko barrika. Barrika hori beteta dago, orduan beteta, hau da 545 urteko ardoa du. Denboraren poderioz ontzen bada ardoa, hau gutizia ederra izango da. Ardo zuria da, lurralde haietan, preziatuena. Itxuraz, hirutan besterik ez dute dastatu izan hango elixir hori: 1576an, 1716an eta 1944an, Bigarren Mundu Gerran hiria askatu zutenean.
Upategian museo ttiki bat jarri dute, baita ardoa saltzen ere, esan didatenez moduz eta ona. Ardogile alsaziar jakin batzuek bere ardoa upategi horretan ontzeko baimena dute, eta ardo hori da saltzen dutena; haiek ere diote munduko onena dela... 150.000 botila dauzkate, eta eskuratzen duten dirua ospitalearen beharretara bideratzen da.
Bertaratzeko bidea zaila omen da. Galdetuz iritsiko naiz neu ere egunen batean, eta urteko ardoa edanez 545 urteko barrikari begira bekaizkeriak erreko nau. | news |
argia-da7c77a579f7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/koban-hiria.html | Koban hiria | Andrea Zubozki | 2017-09-24 | Koban hiria
Koban taldeak emandako kontzertuaren kronika: Irailaren 9an, Zarauzko Euskal Jaietan. Hurrengo kontzertua: irailaren 23an Sopelan.
Zarauzko Euskal Jaietan, Koban taldea ikus entzuteko aukera izan dugu. Japoniar txanpon bat, polizia postu bat, taldearen izenak sinifikazio frango ditu. Nik, beste askok bezala, Kurdistaneko hiria irudikatzen dut.
Kobaneko hirian zazpi musikari aurkitzen ditugu: Alde zaharrean, kabaret giroak sortzen dituen sanpler eta instrumentu elektronikoetan, Joseba. Soinu ezberdinak erabiltzen ditu; erratzekin ferekatutako atabala, erien klixkak, txarlezton biziak... Gustuzko xehetasun anitzekin eraikitzen da base erritmikoa. Baxua ere, soinu aberatsez osatua, elektronikaren kaleetatik irteten da. Industrialdean atzematen ditugu gitarra eta pianoa. Bi enpresen lanak swinga inposatzen du hiri guzian! Hala ere, proposamen erritmikoetatik urruntzen ahal dira, piano solo mailukatuekin eta gitarra esaldi «fuzz»atu batzuekin. Bi musikariak, aitzin gibelka, soinuan erabat sartuak dira. Hiriko hondartzan, Onintza eta Rakel, triki eta gitarra, taldeko «abeslari nagusiak». Abeslari nagusiak, nahiz eta denek asko abesten duten taldean.
Protagonismo gutxi agertzen da. Trikitia, beste instrumentuen gisa, fina eta ongi eramana da; abestien «xerbitxuko». Ez gara «triki-swing» edota horrelako edozein tranpetan erortzen.
Periferietan orain, koruak. Alimaleko indarra ekartzen diote taldeari, eta Kobaneko hiria kolore ezberdinez margotzen dute. Iruditzen zait Kobanen indarra taldekideen ahots nahasketatik heldu dela; xuxena izateaz gain, energia ekartzen du. Energia, badute eta transmititzeko gai dira ere! Kantuz kantu, zazpi musikariek hiria inarrosten dute!
Hastapenean, arazo bat agertu da soinuan, halako frekuentzia ibiltari bat. Baina kezka laster konpondua da, eta taldearen soinuak sorpresa polita ematen digu; gehienetan estilo horretan, atzeko «bum-bum-bum» hori da gehien notatzen, baina Kobanek finago jotzen du, eta erritmo sanpleak goxoki nahasten ditu beste instrumentuekin.
Lagun batekin komentatu dugu: soinuaren goxotasunak Zarauzko Udalak inposatu «dezibelometroarekin» zer ikusirik badu? Laster konturatu gara Udalak soinu nahasketa on batekin ez duela zerikusirik.
Publikoan, lehen notatik azkenera arte, besta giroa biziki ederra da. Denak beti dantzan, soinuak harrapatu egin gaitu. Erran behar da gau honetan euria jauts ahala ari duela, baserritarrez mozorrotutako hiritarrak trenpan utziz. Baina publikokoak hor gelditu gara bukaera arte, Kobanekoek Necropoly abestia kantatu diguten arte... nahiz eta nekropolirik ez dugun ikusi Kobanekin. | news |
argia-ce5d501ef02a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2567/murruak.html | Murruak | Katixa Dolhare-Zaldunbide | 2017-09-24 | Murruak
Udako pausaldia aitzin bere azken iritzia ematean, Bea Salaberrik aipatu zuen Baigorrin beharrak zirela "Antilletan bizi" deitu egunak, agorrilaren 11 eta 12an, Euskal Herriko Unibertsitate Herrikoia (EHUH) elkarteak antolaturik, azpimarratuz kanpotiarrekilako trukaketek "birzentratzen" lagun gaitzaketela. Jardunaldietatik landa, horien nondik norakoaz gogoeta anitz baliteke egiteko. Zenbaitzuk soilik plazara ditzaket hemen.
Euskaldunon euskalduntasuna eta mundutartasunaren arteko korapiloak galdekatu nahiz, eta Édouard Glissant eta Patrick Chamoiseau martinikar filosofo ezagunen Murruak erortzean: nortasun nazionala legez kanpo? testutik abiatuz antolatu dira beraz eztabaidak honelako gonbidatuekin: J. Sarasua, I. Borda, L. Etxezaharreta, B. Axiari, N. Arbelbide, X. Aire, J. A. Urbeltz eta G. Yovan.
Ororen buru, iruditu zait bi ildotik aritu direla hizlariak: batzuk mintzatu dira ikuspegi poetiko batetik hizkuntzen edertasun berdinaz, kulturen artean harreman baketsuak eraikitzeko beharraz, menderatzaile-menderatu etsaitasunetik at; beste batzuk oinarritu dira euskararen egoera kezkagarrian, azalduz premiatsuena dela gure hizkuntza gutxitua biziberritzeko aterabideak aurkitzea, geure barne indarretik, gure hibridotasunaz kontziente izanez eta kanpokoari irekiak egonez. Lehen postura biziki erakargarria zait: etengabeko borrokan ezin irauteko menturan, nahiko nuke nik ere goratasunez eta zuhurtzia lasaiaz gozatu bizi dugun hizkuntz eta kultur aniztasuna –hein batean, fantasma hori gauzatzen dut lanean, jatorri ezberdineko ikasle eta lankideekin, bai eta intimitatean ere, irakurketa nasaien bidez. Halere, bigarren postura gatazkatsura daukat isuria ene harreman sozialetan, etxean eta etxetik kanpo, bihotzean errotutako beharra dudalako bizi dugun zuzengabekeriaren kontra ihardukitzea eta geurearen zaintzea, beste injustiziarik eragin gabe eta ahal bezain baikor iraunez. Hori desira eta errealitatea latzaren arteko auzi (murru?) minbera...
"Antilletan bizi" egun horiek interesgarriak izan dira ere ohartzeko guk euskaldunok gure nortasuna hizkuntzan sustraitzen dugun bezala, Martinikarrek Bèlè delakoan dutela egiten, hau da dantza, musika eta kreolerazko kantuak batzen dituen espresio artistikoa, baina gehiago ere, bizitza ikusteko manera berezia, hots, omen, martinikar arima bera. Parisko Lékol Bèlètik hogei bat martinikar jinak ziren Baigorrira "Moman Bèlè" edo Bèlè une baten partekatzera tokiko jendearekin.
Haiekin iragan azken gaualdiaren amaieran, taldeko tanbouyé edo atabal joilea elekatzen gertatu naiz. Bere ibilbidea honela kontatu dit: "Badakizu, Martinikatik joan naizelarik lan xerka Parisera, duela 15 urte, sentitu dut ene baitan ene nortasuna berreskuratzeko eta elikatzeko beharra. Bèlè eskolan ibili nintzen, eta orain Bèlè praktikatzaile gisa definitzen dut ene martinikar nortasuna. Lantokiko pasabideetan trebatu ditut dantza urratsak eta ene lankideekin –horiek ni bezala martinikarrak direla eta– kreolera funtsez berrikasi dut". Eta nik, inuxent: "Eta zertan ari zira lanean?". "Zaindari naiz presondegi batean". Ene harriduran, berehala irudikatu nuen mutiko irritsu eta alai hori espetxearen murruen alde batetik, bere nortasuna birbiziarazteko ahaleginak egiten, pasabideetan dantzan eta lankideekin kreoleraz tira-ahala mintzo, eta murruen bestaldetik euskal presoren bat, baigorriarra edo hurbilekoa izan zitekeena, euskara lantzen ari EGA pasatzeko... "Murruak eror bitez", diote Édouard Glissant eta Patrick Chamoiseauk. | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.