id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-e3a59cfb8e17 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2549/populismoa-eta-gu.html | Populismoa eta gu | I�aki Odriozola Sustaeta | 2017-04-09 | Populismoa eta gu
Azkenaldian, botere ekonomiko liberalak eragindako produkzio era zaharkituaren birrintze eta berreraikitze garai honetan, sistemaren politikari eta komunikabideen diskurtsoetan gailentzen ari den hitza da populismoa.
Populismoa ez da izatez, hitz berria, historialariek "jokabide populista" deitu izan dutena, aspaldidanik dago jasoa liburu zaharrenetan. Esaterako, Julio Zesar erromatarra aipatzen da askotan populismoaren eredu. Zergatik? Bada, herriaren aldeko lege eta laguntzak bermatu zituelako, baina ez benetan herria piperrik inporta zitzaiolako; herria bere alde jarriz, eta armada jada aldekoa zuenez, Erroma errepublikanoan eragin, eta betiko diktadore izateaz gain, errege izatea nahi izan zuelako, hau da, munduaren jabe.
Hori onartzen badugu, populismo hitzak zentzu txarra hartzen du, demagogoek erabiltzen duten diskurtso faltsua den neurrian. Populismoa herritar arruntek entzun nahi dutena aldarrikatzea adierazten duen kontzeptua da, baina ezkutuan dauden helburu maltzurren menpeko, eta lider autoritarioek, tiranoek, euren onurarako egiten duten herritarren manipulazio hutsa.
Populismoa fenomeno politiko nahasia da, ideologikoki hutsala, arduragabea, argudioa erabili ordez, emozioak pizten ditu
zentzu txarrenean
Populismoa, gaur egun, fenomeno politiko nahasia, ideologikoki hutsaltzat hartzen da, arduragabekeria adierazten duena; argudioa erabili beharrean, emozioak, zentzu txarrenean, pizten dituena, betiere, elite batek bere diktadura ekonomikoa, bere hegemonia, mantentzeko, herria azpian hartuaz.
Nik argi daukat populismoa eskuinekoa bakarrik izan daitekeela. Baina azkenaldian, elite liberalaren morroiek, hitz magiko bihurtu dute, batez ere, ondoren, ezkerreko ideia eta gobernuak erasotzeko. Eskuineko eta ezkerreko populismoa dagoela diote, herriaren aldeko jarrerak parekatuz, eta txarrena, herrikoitasuna, ezkerrekoa, eta herrikoikeria, eskuinekoa, bat eginaz.
Herriaren alde egitea, jokabide ideologiko zintzoa denean, ezkerraren ikurra da: errekurtsoak nazionalizatzea, politika fiskal eta sozial aurrerakoiak aplikatzea, behartsuentzat nahiz langile arruntentzat babesa eskatzea, oinarrizko soldata, globalizazioaren aurrean burujabetza, produkzioarena edo energia eremukoa aldarrikatzea.
Baina, hau da hau, neoliberalek lortu duten txiri-buelta diskurtsiboa: merkatu ekonomia bateratu eta bakarra oztopatzen duen guztia, eta estaldura "demokratiko" homologatuak zalantzan jartzen dituen guztia, omen da populista.
Eta larriena, ezkerrekoak kikildurik, ez dugulako entzun nahi eskuineko populistekin ezertan bat egiten dugula; isilik gaituzte, ahul benetan, gure ikuspuntuak adierazteko ezintasunez, eta kateatuta, berriro ere, euren diskurtsoan. Jokoz kanpo. Are gehiago, populisten aurka, berriro liberalek boterean jartzen laguntzeko hausnarrean, gaitz erdi izango delakoan!
Harrapazan/k! | news |
argia-2f1559173d3c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2549/mintegi-ekologikoa-osasun-mentalerako-errehabilitazio.html | Mintegi ekologikoa, osasun mentalerako errehabilitazio | Garazi Zabaleta | 2017-04-09 | Mintegi ekologikoa, osasun mentalerako errehabilitazio
Baratzegintzak edozein pertsonari asko eman diezaiokeela ez da gauza berria: jatekoa, lurrarekin hartu-emana, heziketa, naturaz gozatzea, aurreko belaunaldien jakintzak… Zenbait kasutan, barne-lana ariketa ere bihurtzen da baratzezaintza, terapia moduko jardueran.
Hari horri tiraka, proiektu berria jarri dute martxan Arrasateko Aita Menni osasun mentaleko ospitalean: nekazaritza ekologikoko mintegia. Ereiaro izena jarri diote proiektuari, eta Ekoudalatx kooperatibaren laguntza izan dute egitasmoa burutzeko.
Ereitetik hasita, produktua saltzeraino
Aita Menni ospitaleko lorategian jarri dituzte martxan azpiegiturak: lorategi terapeutikoa, landare usaintsuen gunea, mintegia eta berotegia, konpostatzeko gunea eta mintegian esperimentatzeko gunea dituzte bertan.
Proiektuaren bultzatzaileek azaldu dutenez, osasun zentroko pazienteek ekoizpen prozesu osoan hartuko dute parte, hazia ereitetik hasi eta jasotako produktuak saltzeraino, betiere pertsona bakoitzaren ahalmenen arabera. Prozesu horretan zehar, hazien manipulazioa, ereitea eta lantzea edota konpost eta ongarria sortzea egokituko zaie erabiltzaileei. Horrez gain, lortutako produktuak inguruko herrietako azoketan salduko dituzte.
Gizarteratzea helburu
Egunero 50 paziente inguru elkartzen dira mintegi ekologikoaren bueltan. "Landare ekologikoak ekoiztetik harago, ekimen honek giza aldaera ere badu. Ereiaro proiektuaren azken helburua pertsonen garapena da", adierazi zuen Nerea Altuna Ekoudalatxeko kideak proiektuaren aurkezpenean.
Terapeutak aholkatzea eta prestatzea izan da Ekoudalatxeko kideen zeregin nagusia, jarduera ekologikoak egoki garatzeko gai izan daitezen. Mintegiaren instalazioa ere beraiek egin dute.
Aita Menni ospitaleko Errehabilitazio Zerbitzuko arduradun Macarena Aspiunzak argi adierazi zuen proiektuaren xedea aurkezpeneko hitzartzean: "Gaixotasun mentala edo desgaitasun intelektuala duten pertsonen gaitasunak garatzea osatu ahal izan daitezen, eta, ahal den kasuetan, gizarteratzeko eta lan munduan sartzeko". | news |
argia-877224a7fe3e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2549/lizunaren-sariak.html | Lizunaren sariak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-04-09 | Lizunaren sariak
Londres, 1928ko uztailaren amaiera. Alexander Fleming biologo, farmakologo eta botanikari eskoziarra oporretara joan zen, bakterio kultiboak zituzten petri plakak jasotzea ahaztuta, eta irailean, Paddingtongo laborategira itzuli zenean, plakak lizunduta zeuden, Penicillium notatum onddoak hartuta. Eta onddo haren inguruko estafilokokoak hilik zeuden. Pasadizo ezagun hartan, Flemingek penizilina aurkitu zuen. Baina antibiotiko aitzindaria eraginkorra izan zedin kantitate handitan ekoiztu behar zen. Penizilina onddotik atera eta purifikatzea oso zaila zen.
1938an, Oxfordeko Patologia Institutuko Ernst Boris Chain eta Norman Heatley biokimikariak eta Howard Florey medikua penizilinaren ekoizpena handitzeko ahaleginean hasi ziren. Emaitza handirik lortu gabe, jarduna eten behar izan zuten. 1941ean, Bigarren Mundu Gerrak eta baliabide faltak, Chain eta Florey AEBetara eraman zituzten, zehazki, Peoriako (Illinois) Nekazaritzarako Ikerketa Departamenduko laborategira.
Laborategi hartan lan egiten zuen Mary Hunt-ek. Ezer gutxi dakigu hari buruz; 1980an bizirik zegoela eta Chicagon edo Arizonan bizi zela. Eta 1943an laborategiarentzat erosketa bereziak egiteaz arduratzen zela; dendaz denda ibiltzen zen, fruta, barazki, esneki eta haragi lizunduen bila. Ekaineko egun batez, lizun horixka zeukan meloi bat erosi zuen. Laborategian, lizuna ebaki eta azter zezaten prestatu zuen, laginari etiketan 72 zenbakia ipinita. Gero, itxuraz, lizunik gabeko meloi zatiak lankideen artean banatu zituen eta gozoegia omen zegoen.
Penicillium chrysogeum onddoa zeukan Mary Huntek aukeratutako meloi hark. Flemingek aurkitutako onddoak baino 200 aldiz penizilina gehiago ekoizteko aukera ematen zuen (eta 1.000 aldiz gehiago, anduia erradiazio ionizatzaileen bidez hobetu ondoren). 1945ean Medikuntzako Nobel saria eman zieten Alexander Fleming, Ernst Boris Chain eta Howard Floreyeri. Mary Huntek, aldiz, goitizen zatar bat besterik ez zuen lortu: Moldy Mary edo Mary Lizundua esan zioten handik aurrera. | news |
argia-c8c5b7bf308a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2549/xvii-mendeko-pantonea.html | XVII. mendeko pantonea | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-04-09 | XVII. mendeko pantonea
1692an, Herbehereetan, "A. Boogert" sinatzen zuen artistak akuarelei buruzko lan mardula osatu zuen nederlanderaz. Eskuz idatzitako eta margotutako ia 900 orritan milaka kolore bildu zituen egileak, eta horiek guztiak koloreak nahastuz eta ur gehiago edo gutxiago erantsiz nola lortu azaldu zuen.
Liburua aztertu duen Erik Kwakkel historialariaren arabera, lanak helburu didaktikoa zuen. Baina liburuaren kopiarik ez zen egin eta ziurrenik margolari eta ikasle gutxik izango zuten bilduma originala eta bakarra erabiltzeko aukera. Gaur egun edonork kontsulta
dezake bereizmen handian: www.e-corpus.org/notices/102464/gallery/ | news |
argia-d82890d93574 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2549/mafiak.html | Mafiak | Itxaro Borda | 2017-04-09 | Mafiak
Frantziako lehendakaria aukeratzeko kanpaina abiatua da, beraz, Ipar Euskal Herrian ere bai; nahiz eta ETAren apirilaren 8ko desarmearen iragarpenak ikusgarria uhertzen digun, apur batez.
Hauteskunde baino, immunitate politikoa lortzeko eta justiziari ihes egiteko lasterraldi antza ikusten ditugu pantailetan hedatzen zaizkigun François Fillonen edo Marine Le Pen andere panpalinaren ekinak. Auzitegiak eta epaileen egiturak suntsitzen ahal balira, orduan bai, demokrazia zinezkoa litekeela: eskubideak niretzat, gaztiguak besteentzat.
Garbitasun eta gardentasun irakaspenak ematen dizkigute bi hautagaiek, iruzur soziala dutela partida, baina biek ala biek ardo mingar horretatik ausarki edaten dute: Fillonek, nepotista handiak, emaztea eta haurrak diru publikoz ordaindu ditu, berak artean opariak hartzen zituela. Halaber, Le Penen alderdi euro eta xenofoboa, Europako eta Frantziako sosa komunari esker bizi da lege guztien mespretxuan.
Sistema salatzen dute biek, sistemaren biktimak direla sinetsarazten diote jendalde auto-biktimizatuari, sistemarik gabe hondarrean deus ez litezkeelarik. Min egiten du konturatzean gure zergek gure aurka altxatuko diren ideologo faxistoidak finantzatzen dituztela. | news |
argia-dd86a9b6f94d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2549/kare-pittin-batez-bapo.html | Kare pittin batez bapo | Jakoba Errekondo | 2017-04-09 | Kare pittin batez bapo
Negua da lurrari eta landareei karea emateko garaia. Ehundaka urtetako ohitura da karetzearena. Kareharria karobian karetu, erre, eta kare horrekin karetu soro, baratze, belaze eta sagasti. Etxeak eta arbolak berak ere karetzen ziren, azala karesnez edo latsun-urez edo kisu-gesalez margotuz. Horrek gaitzak eta izurriteak uxatzen zituen ukuilutik eta etxetik, baita etxeari eusten zioten sagastietatik ere. Desinfektatzaile bizkorra da karea, kisua, gatzina edo latsuna.
Ezkutuko beste lan mordoxka ere egiten du. Karea deitzen dugunetik benetan interesgarria dena bere osagai bat da: kaltzioa (Ca2+). Buztin-lurrak dantzan jartzen ditu. Hemengo klima hezeak eta buztinak lurra erabat azidotzera daramate. Horrek lurrean dauden jakien mugimendua moteltzen du, eta zenbaitetan baita eragotzi ere; eta landareek ezin eskuratu. Karea emateak beste musika bat dakarkio lurrari. Uraren mugimendua eragiten du, lur moteletako itolarria arinduz. Materia organikoa deskonposatzen laguntzen du, eta sustrai gehiago sortzeko bidea ematen. pH-a igoz, buztinaren uztarria askatuz, kaltzioa bera eta beste jakiak errazago eskuratzen dituzte landareek bezala lurrean bizi diren mikroorganismoek ere. Hori gutxi balitz bezala, lurreko oreka hobetzen du, sustraien arnasketa pizten baitu. Sustraietako gaitzak (fusariosia, adibidez) eragiten dituzten zenbait onddoren mutiritasuna makurtzen du, erasoak ahulduz eta arriskua apalduz.
Ikusgarria izaten da, ez dagoelako edo egonagatik lurretik bera hartzeko zailtasunengatik, kaltzio faltan diren landareek hartzen duten figura. Tomatearena ( Solanum lycopersicum ) ezaguna da, nik ipurdi beltza deitzen diot: fruituaren azpiko aldean azalean barrura egiten duen beltzunea. Piper alean ( Capsicum annuum ) peseta gaitza: puntta usteltzea. Urazan ( Lactuca sativa ) buruaren erdian gehien hazten ari diren hosto gurienen ertza erretzea. Sagar alean ( Malus x domestica ) azalean pikor sartuak.
Karea beti aurretik eman behar da. Kaltea ikusi eta karea zabaltzea alferrik da. Oraindik ez da berandu. Kukuak jotzea baino hobea izango du buztinetan bizi den landareak kare pittin bat. | news |
argia-6519bb41d04e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2549/azpiproduktua.html | Azpiproduktua | Igor Estankona | 2017-04-09 | Azpiproduktua
Zazpi poema liburu ditu onduak honez gero Gabriel Kortak: Isiletik (1980), Okaranak (1986), Harri hautsiak (2002), Laugarrenak Lau (2010), Elurra galtza motzekin (2012), Diot (2013). Berauetara eta azken honetara isuri ditu zenbait maitasun, zenbait salaketa, zenbait tristura. Oraingo honetan ere maitasunaz ari da, agerikoa da, "bi lagunek topo egiten dutenean elkarri indarra emateko, bultzada egiten diote, aurrera esateko modua da, detaile horietaz ari naiz".
Detaileak. Liburua detaileekiko sentibera da. Baina baita galdera handiekiko ere, beharbada gauza txikien bidez bilatzen dielako erantzuna. Ze leku dauka lekurik ez daukanak gure gaur egungo gizarte sorgortuan? Ze paper jokatzen du poesiak bakoitzaren orekan, bakoitzaren desorekan?
Gabriel Korta ez da autore bat lehen ahapalditik hasita harrapatuko zaituena. Ez da dotoreziaren paradigma. Bene-benetan idazten du, ordea: "Poesia ez da nirekin hasten, bukatzen ere ez... Datozela poetak beren poemekin! Diosala egiten dizuet denoi lanbide gogor hau loriatzeko. Onartu behar dut urteen nekea, udazkenean bizi naiz, zahartzen ikasi behar dut. Aranondoaren gerizpera itzuli, lagunarteko zirkulu errespetatura... asko sentitzen dut baina ezin dut ahantzi psikiatriak izan duen oinatz mikatza nire poesiagintzan".
Poema gehienak di-da ebazten dituzte auziak. Zentzu horretan iluminazioen antzekoak dira. "Baditut hezur konponduak/ Baditut ebakiondoak/ Bakardadea eta sarrerak ospitaleetan/ 64 urte ditut". Eta korrontean gora doa, gure senean ez gauden guztiok bezala. Igo eta jaitsi bizitzan aurrera egin ahala. Existentzia literarioa eta bizitza bera nahasten dira Gabriel Kortaren obran. Ederra da irakurtzeko, astuna da irakurtzeko. Interesgarria da sano, eta baita arina ere uneka. Definitzeko gaitza, edozelan ere, Maitasunaren indarra, begi bistakoaren erreinu ezkutua: "Zuek zarete nire musak/ Pertsonak/ Nostalgiazko kaleetan". Burmuina puzzle bat dela frogatzen du beste behin liburu sakonki pertsonal honek. Eta betiko tipo arraroaren egia berriro argitaratzen duela ematen du, aurreko liburuen jarraipena eginez.
Azken liburua beraz, Maitasunaren indarra . Denen antzera azkena. Esandakoa errepikatzen du, esandakoa berritzen du. Berriro utzi digu Gabriel Kortak zuriaren eta beltzaren, argiaren eta itzalaren, justiziaren eta ilunpearen azterketa, esperimentu askoz handiago baten emaitza literarioa. | news |
argia-1a61bcc61a40 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2549/lakuaren-propaganda-usaina.html | Lakuaren propaganda usaina | Juan Mari Arregi | 2017-04-09 | Lakuaren propaganda usaina
Lakuako Gobernuko aholkulariek garbi dute lehendakariaren mezuak egunero luzatu behar direla; horretarako etengabe ari da obrak inauguratzen edo ekitaldietan parte hartzen. Halaxe ziurtatzen du marketina: bere irudia Eitb-n eta beste medio batzuetan zabalduz.
Testuinguru horretan kokatuko nuke zalaparta handiz iragarri duen Enpleguaren eta suspertze ekonomikoaren aldeko Esparru Programa 2017-2020; hurrengo lau urteetan 8.800 milioi euro bideratuko lituzke horretara. Plan horrekin –ez da batere berria, bestalde– 45.000 lanpostu sustatu nahi ditu, 6.000 enpresa lagundu eta 100 ikerkuntza proiektu berri finantzatu, beste hainbat helbururen artean.
Bai, propaganda usaina dauka. Eta gogorarazten du Felipe González bere "milioi enplegu" leloarekin edo orain Rajoy Katalunian 4.200 milioi euro inbertitu behar dituela esan duenean, subiranotasunari erantzunez. Hemen, EAEn, nahastu digute enplegu sorrera jubilatuko diren langile finkoen ordezkapenarekin (9.000), hala nola AHT, Donostialdeko metroa, Ezkerraldeko parke teknologikoa, BioGurutzeta edo Pasaiako eraberritzea.
%12ko langabezia tasaren aurrean, gazteen %50 lanik gabe eta 45 urtetik gorako milaka langabetu daudenean, luzatu nahi den mezua da enplegua sortzeko borondatearena. Baina nolako enplegua? Hain prekarioa? Nolako enpresak? Non? Badaukagu esperientziarik deslokalizazioez asko dakiten multinazionalekin, Lakuak zerga abantaila handiak eman eta gero joan egin direnak. Ez digute esan nondik aterako diren milioi horiek guztiak, egiazko zerga erreforma ez bada egiten. Hori gabe ez da diru nahikorik izango halako planentzat. Dena geratuko litzateke propaganda hutsean, eta usain hori hartzen zaio dagoeneko. | news |
argia-6341c2099d42 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2549/tolosan-hizkuntza-ohiturak.html | Gurasoen erdiek gaztelaniara jotzen dute, haurrak aurrean ez daudenean | Itzea Urkizu | 2017-04-09 | Gurasoen erdiek gaztelaniara jotzen dute, haurrak aurrean ez daudenean
Galtzaundi euskara taldeak 'Gurasoen Hizkuntza Erabileraren Neurketa' egin du Tolosan; aurrera begira lanean jartzeko abiapuntuak zehaztuko ditu, orain, euskara taldeak.
Tolosako Hirukide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeen atarietara bertaratu, eta ikastetxe horietako gurasoen hizkuntza ohiturak jasotzea izan da Galtzaundi euskara taldearen azken egitekoetako bat. Guztira, 618 elkarrizketatako datuak jaso dituzte, eta hainbat ondorio atera: besteak beste, gurasoen erdiek baino gehiagok gaztelaniara jotzen dutela, haurrak elkarrizketa horretan ez daudenean.
"Txikitan hartzen diren hizkuntza ohiturek zeresan handia izaten dute etorkizunean ere", Galtzaundiren arabera. Horri, "hizkuntza, batez ere, etxean jasotzen" dela gehituz gero, neska-mutilen gurasoen hizketarako joerek berebiziko garrantzia hartzen dute, eta horrek bultzatu ditu neurketa egitera.
Aipatzekoa da kale inkesten eta kale neurketen arteko desberdintasuna: inkestetan, hiztunak badaki bere hizkuntza erabilera neurtzen ari direla, aldiz, neurketetan edo behaketetan hiztunak ezer ez jakitea irizpide bilakatzen da. Galtzaundiren ikerketaren kasuan, gainera, testuingurua bera ere berezia izan da: Lehen Hezkuntzako haurren gurasoak izan dira behaketaren jomuga. Alegia, oro har ikastetxera joateko laguntza behar duten haurren gurasoak; hizkuntza ohiturak errotzen diren adin-tarteko haurren gurasoak.
2016ko iraila eta urria bitartean egin zuten datu bilketa, eta 787 guraso –edo arduradun– neurtu eta gero, lehen datua pozgarritzat jo daiteke euskararentzat: elkarrizketa guztien %67,39 euskaraz izan ziren. Gaztelaniazko hizketaldien portzentajea %30,09koa izan zen eta, aldiz, beste hizkuntza zenbaitetan izandako elkarrizketak %2,52 izan ziren.
Infograma: Tolosaldeko Ataria.
Eskoletako atarietan, sartu-irtenetako ordutegietan, euskarak presentzia gehien duen momentua guraso eta haurren arteko elkarrizketena izaten da. Zehazki, seme-alabak eta gurasoak elkarrekin hitz egiten ari direnean, kasuen %74,90etan euskaraz hitz egiten dute; gaztelaniaz %22,09 aritzen dira, eta %3,01 beste hizkuntzatan.
Kontrara, neurtu eta behatutako elkarrizketetako protagonistak gurasoak bakarrik direnean –baina haurrak gertu daudenean–, datuak kezkatik gehiago du. Izan ere, Tolosako ikastetxeetako gurasoen %52,81ak gaztelaniaz hitz egiten du euren artean, eta %46,06 dira euskaraz aritzen direnak. Aldea ia 29 puntukoa izanda eta, gurasoen ohituren pisua frogatuta, jorratu beharreko adarra da gurasoen hizketarako joerena.
Elkarrizketetako kideen nolakotasunari begiratu dioten bezala, elkarrizketan neurtu dituzten eremuak ere berebiziko garrantzia duela ohartarazi du Galtzaundik: eskola inguruetan euskararen erabilera nabarmen hazten da. Baieztapen hori egiteko 2015eko kale neurketak baliatu dituzte, eta helduek nahiz haurrek, gehiago hitz egiten dute euskara eskola inguruan, kalean baino: %5 gehiago helduek eta %8,4 haurrek.
Ohiturak, aldatzeko
Tradizioak sortu egiten diren bezala, aldatu ere egiten dira, hala nahi izanez gero, eta Galtzaundi euskara taldeak argitaraturiko ikerketa, aldaketarako deia izan daiteke zenbait gurasorentzat.
Hirukide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeek esku-artean dituzte, jada, beren ikastetxe atarietan jasotako datu zehatzak, eta oinarri horren gainean plangintza estrategiko bat garatuko du eskola bakoitzak, komenigarri iruditzen zaion moduan.
Euskara taldeari dagokionez, neurketak "aurreikusitako zenbait joera baieztatu" dizkiela azaldu dute, eta zirkulu euskaltzaleetatik kanpo eragitea da orain Galtzaundiren erronka nagusia, erabileran eragiteko. Momentuz, gurasoen hizkuntza ohituren inguruko diagnosia lau urtez behin egitea proposatu dute Tolosako Euskara Mahaian, egindako lanaren fruituak baloratu, eta jarraikortasuna lortzeko. Hori horrela, 2020-2021 ikasturtean egingo lukete hurrengo neurketa.
Artikulu hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu. | news |
argia-a6e081cbfef3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2549/iratxe-jaio-klaas-van-gorkum.html | "Iru�a-Veleiako ostrakak egiazkoak izan zein ez, polemikak gure gizartea islatzen du" | Danele Sarriugarte Mochales | 2017-04-09 | "Iru�a-Veleiako ostrakak egiazkoak izan zein ez, polemikak gure gizartea islatzen du"
2001az geroztik, elkarrekin dabiltza lanean Iratxe Jaio (Markina-Xemein, 1976) eta Klaas van Gorkum (Delft, Herbehereak, 1975) artistak. Azkenaldian zenbait pieza aurkeztu dituzte Euskal Herriko hainbat museotan. Martxoaren 2an Okela Sormen Lantegian izan ziren hizketan. Berbaldiaren aurretik bildu ginen beraiekin.
Nola eta noiz hasi zineten elkarrekin lanean?
Iratxe Jaio: Herbehereetan ezagutu genuen elkar, neu hara joan bainintzen ikastera, eta bikote egin ginen. Asko laguntzen genion elkarri, baina nork bere lana zeukan, argiki mugatua; gero, hainbeste laguntzen genion elkarri non ez zen erraza mugak ipintzea, esatea lan bat nirea zela eta bestea berarena. Orduan, erabaki genuen proiektu bat egitea biok batera, Rotterdamgo udaletxeko bulegoen inguruan, ikusteko nola dekoratzen zuen langile bakoitzak bere bulegoa. Hori izan zen bide bat hausnartzeko ea zer espazio eduki zezakeen gutako bakoitzak balizko elkarlan batean.
Klaas van Gorkum : Autoretzarena ere garrantzitsua da guretzat; autore bakarraren ideia deseraiki nahi izan dugu beti. Hainbeste urteko jardunaren ostean, ordea, artista-bikotetzat hartzen gaituzte. Azken batean identitate finko bat da hori ere. Beste batzuekin lan egiteko moduen bila jarraitzen dugu, hala ere.
Zer esan nahi du arte-praktikan elkarlanean aritzeak? Nola egiten da?
I. Jaio: Barra-barra hitz egiten dugu, eta horretarako, paseatu egiten dugu, orduak eta orduak: paseatu bitartean eztabaidatzen dugu, haserretzen gara, eta berriro adiskidetzen. Geure lanak diren modukoak izanik, ez dugu estudioa etengabe erabiltzen, ez ditugu gauza asko probatzen; kontrara, ideia ondo mamituta daukagunean baino ez gara joaten hara.
Pasa den urtean instalazio bat aurkeztu zenuten Tabakaleran, Organismo Bizidunen Agentzia erakusketan: Naturaleza muerta con recipientes . Portzelana-lantegi abandonatu batera joan zineten, eta han aurkitutako moldeekin pieza-sorta bat egin. Nola izan zenuten lantegiaren berri eta zerk eman zizuen arreta?
Iratxe Jaio:
"Iruña-Veleiaren kasuan, interesatzen zitzaigun muga non dagoen: noiz bihurtzen den marra bat marrazki edo letra"
I. Jaio: Orain dela bost urte ezagutu genuen lantegia, hura interesatzen zitzaion beste norbaiti laguntzera joan ginen-eta. Espazioa zirraragarria da, kanpotik badirudi ez direla hondakinak baino, baina gero, sartzen zarenean, hantxe topatzen dituzu lantegian erabiltzen zituzten gauzak, baita labe zahar hura ere, lantegiaren erdigunea. 70eko hamarkadan itxi zuten, beraz, jende asko ibili da han gu baino lehen, museoak eta denetik. Guretzat, lan egiteko orduan, interesgarria zen hondakinen arkeologia hori: artistak erabil ditzake inork nahi ez dituen horiek.
K. Gorkum: Bizitza modernoaren monumentu gisa, asko interesatzen zaigu lantegia; hala ere, bestalde, autoretzaren gaiak alderik alde zeharkatzen ditu gure lanak, hau da, izen eta abizenak dauzkan artearen eta guztion ondarearen arteko tentsio horrek. Lantegian molde haiek topatu genituen, eta horri esker, egin genitzakeen objektu batzuk ez zirenak gureak, baina ezta autore originalenak ere. Izan ere, urte hauetan guztietan, naturak berreskuratu egin du lantegi hori; moldeei eta horiek gordetzen dituzten formei eragin die eta aldatu egin ditu: horixe ikusten da guk egin genituen piezetan.
Hain zuzen ere, instalazioak bi zati ditu: batetik, lantegira sartu zineteneko bideoa, eta, bestetik, lantegian aurkitu zenituzten moldeekin egindako piezak. Zergatik biak?
K. Gorkum: Modu erraz-errazean esateko, oihalaren atzean dagoena erakusteko sartu genituen prozesuko bi une horiek, garrantzitsuak biak ere. Piezak garrantzitsuak dira, noski, baina apur bat tradizionalak, eta akaso sor ditzakete artista izateari buruzko ideiak okerrak. Batzuetan artistei buruzko halako ideia bat sortzen baita, aztiak direla, haien tailerrean gauza magikoak gertatzen direla eta bat-batean artelana ateratzen dela. Eta gure jardunean gauza guztiz egunerokoak daude, jende askorekin konpartitzeko modukoak gainera, guztiok baitaukagu alderdi sortzaile eta langile bat. Materialarekin lan egitea ez da halako gauza mistiko bat. Eta horregatik sartu genuen bideoa: erakusten du lehenengo aldiz lantegian sartu ginenekoa, esploradoreen pare, eta nola heldu genion aurkitu genuenari. Askoz gertuago dago hori gure eguneroko jardunetik, bestea baino.
I. Jaio: Askotan, objektu ohiko eta ezagunekin egiten dugu lan, eta bideoaren bitartez zerbait gehitzen diogu horri, edo beste norabait bideratzen, ez dena zehazki lehen begi-kolpean irudikatu duzuna.
Tabakaleran aurkeztu zenuten lan hori, orain dela urte batzuk arte tabako-fabrika izandakoan, eta orain, berriz, Okelan gaude, harategi ohi batean. Nola lotzen duzue hori guztia orain arte aipatzen aritu garen kontuekin?
K. Gorkum: Iratxe eta ni gizarte-testuinguru oso ezberdinetatik gatoz, neu holandarra naiz eta bera euskalduna, eta gaur egungo langileen posiziotik topatzen dugu kultura komun bat. Aldeak daude, jakina, baina badago halako patroi komun bat ere gu bion artean. Atzera egiten badugu eta gure aurreko belaunaldiei erreparatzen, gu bion aitona-amonak landa gunean bizitakoak dira eta egokitu egin behar izan ziren industrializaziora eta bizitza modernizatura. Hurrengo belaunaldiak klase ertaineko posizio bat sortu zuen eta esan daiteke, geure familia den burbuila txiki horretan, geu izan garela bere burua artista gisa irudikatzeko pagotxa izan duen lehen belaunaldia. Tabakalera, Okela, portzelana-lantegia abandonatua eta halako espazioak, azken batean, aldaketa horren adierazpen fisikoak dira ia-ia.
Iruña-Veleiako ostraka delakoen inguruko ika-mikari ere erreparatu diozue zuen lanean. Zertan datza proiektu hori?
I. Jaio: Badira urte batzuk horretan hasi ginela, eta proiektuak hainbat fase izan ditu. Lehenik, faksimileak egin genituen pieza polemikoen inguruan. Gero, elkarrizketak egin genizkien gaiaren inguruan dabiltzan lau pertsonari, hala SOS Iruña-Veleia elkarteko kideei nola Arabako Foru Aldundiak osatu zuen batzordeko jendeari. Pantaila batean erakusten genizkien piezak, eta elkarrizketatuek beren interpretazioa eskaintzen ziguten, ikusten zuten horri buruz. Bigarren fasean berriz, asmoa zen jatorrizko piezetara iristea, ustez ez baititu inork ikusi zazpi-zortzi urtean. Azala espazioarekin eta Artium museoarekin elkarlanean, eskakizun ofizial bat egin genion arkeologia-museoari (hantxe daude piezak gordeta), hartara, piezak eramateko museo horretatik 400 metrora, hots, Artiumera, ikusteko ea arte garaikideak zer-nolako ekarpena egin ziezaiokeen halako gai arantzatsu bati. Buztinezko pusketa batzuk baino ez dira, baina ezin dugu ahaztu zer-nolako eragina duten gizartean.
Klaas van Gorkum:
"Artearen alderdi luxuzko eta sentsazionalista ez da interesgarria,
aberats famatu batzuk baketzea da"
K. Gorkum: Bai, nahiko argi dago guri ez zaigula askorik axola ea egiazkoak ala faltsuak diren, polemika hau guztia, azken batean, gizartearen egoeraren ispilu dela baizik. Jakina, kontuak arte garaikidearekin daukan harremana aise ikus daiteke, arte garaikidearen estatusa kolokan baitago sarri, eta gatazka horiek garatzen diren moduak gauza asko irakasten dizkigu gure arteko harremanen inguruan, mantentzen ditugun eta deseraikitzen ditugun hierarkien inguruan.
I. Jaio: Komunikabideen bitartez ezagutu genuen gaia, denok bezala, eta asko interesatu zitzaigun gizarteko fenomenoa; hala ere, badago beste kontu interesgarri bat. Argazkiak ikusi genituenean, eta gertutik behatu, konturatu ginen inskripzioak oso sinpleak zirela. Komunikabideen bitartez bospasei iritsi zaizkigun, potenteenak, baina ehunka daude, marratxo eta biribil txikiekin, eta batzuetan horiek jo daitezke letratzat edo ez, zaila da esatea. Orduan interesatzen zitzaigun ea non dagoen muga hori, noiz bilakatzen den marra bat marrazki edo letra, zer zeinu minimo behar duzun zentzu bat sortzeko.
Eta, Okelan, zer aurkeztuko duzue?
I. Jaio: Orain dela hilabete batzuk jarri ziren Okelakoak gurekin harremanetan, eta beren laneko ardatzetako bat da belaunaldi ezberdinetako artistak elkarrizketan ipintzea. Beraz, pentsatu genuen orain dela hamar urte egindako obra bat aurkeztea eta ikustea ea nola funtzionatzen duen testuinguru honetan, orain. Hamaika margok osatutako lana da, Gasteizko planoan oinarrituak denak. Orain dela hamar urte egin genuenez, toki pila bat eraiki gabe zeuden oraindik.
K. Gorkum: Lan hura egin genuen garaian, aro berri baten hasieran zegoen Gasteiz, justu higiezinen krisiaren aurretik, eta horretaz guztiaz aritu gara, desbideratzeei buruz eta desegin diren ametsei buruz.
Oker ez banaiz, ARCO azokan izan zarete. Zer moduz?
I. Jaio: Guk gure bidea egin dugun inguruan, artistek lan egin zezaketen artearen munduko alderdirik komertzialenarekin harremanik izan gabe. Hori bukatu da, argi eta garbi, eta gure inguruko jende gero eta gehiago galeriekin ari da orain lanean.
K. Gorkum: Lehenengo aldia da azoka batera joan garela, normalean ez dugu lanik saltzen. Lau egun hauetan asko ikasi dugu eta hamar urte zahartu gara. Orain, hausnartzeko garaia dugu, erabakitzeko ea zer interesatzen zaigun eta zer ez, zeren, nahiz eta zeure arima saltzeko prest egon, gauza asko ez dira interesgarriak, adibidez, artearen alderdi luxuzko eta sentsazionalista hori: aberats famatu batzuk baketzea, hori ez da interesgarria. | news |
argia-66d78d1a4439 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2549/2-eurotan-ezin-da-logelarik-garbitu.html | Hotel Occidentaleko langileen borroka: 2 eurotan ezin da logelarik garbitu | Urko Apaolaza Avila | 2017-03-31 | Hotel Occidentaleko langileen borroka: 2 eurotan ezin da logelarik garbitu
Greba mugagabean zeuden Bilboko hoteleko garbitzaileek jabe berriarekin akordioa lortu dute eta euren lanpostuei eta lan-baldintzei eutsi ahal izango diete. Sektoreak azpikontratazioaren baldintza prekarioak jasaten ditu.
Pasa den abenduaren 29an Bilboko hotel esanguratsuenetako bat, Begoñako basilika ondoan dagoen Hotel Occidental, Barceló katearen eskuetan erori zen berriro. Azpikontrataturiko Samsic Iberia enpresarentzat lanean ari diren bederatzi garbitzaileetatik zazpik, euren lanpostuak arriskuan zituztela ikusita –kontratua martxoaren 31n amaitzen zen– grebari ekin zioten martxoaren 20an ELA sindikatuaren babesarekin.
Astebeteko borrokaren ondoren akordioa lortu dute enpresarekin eta emakume langileek euren lanpostuei eutsi ahal izango diete; orain arte zituzten lan-baldintzak ere bermatuta izango dituzte.
Barcelók subrogazioa ukatu nahi zien langileoi eta lurraldeko hitzarmenaren ordez estatu mailakoa ezarri, baldintza oso kaskarrekin: lanbide arteko gutxieneko soldatara ere iristen ez den ordainsaria eta logela 2 eurotan garbitzeko presioa, besteak beste.
@huelgaoccident @ELAsindikatua huelga #occidentalbilbao NO SOMOS PERSONAS DE USAR Y TIRAR pic.twitter.com/MeQLNpphM6
— camarerasoccidental (@huelgaoccident) 2017(e)ko martxoak 22
Ez da kasu bakarra. Barcelók Bilbon duen beste hotelean Constant garbiketa enpresa ari da eta honen jabeekin lan-gatazka gogorra izan dute NH Villa de Bilbaon ari diren garbitzaileek, antzeko egoera jasaten ari baitziren.
ELAko Zerbitzuen arduradun Iñaki Olidenen ustez "Constant, Acciona, Samsic eta zerbitzuak eskaintzen dituzten antzeko beste enpresak benetako lakra soziala dira, prekaritate eta esplotazioa hedatzen dute jartzen diren tokian".
Outsourcing -aren ondorioak
Zerbitzuen azpikontratazio eta outsourcing -aren ondorioak jasan ditu hoteletako garbitzaileen edo logeletako kamareren sektoreak: soldata oso baxuak, logelako ordainsari penagarriak, segurtasun planen eta gaixotasun laboralen prebentzio falta, ikusezintasuna...
Hain justu euren egoeraren berri eman eta antolatzeko sortu da Las Kelly elkartea ; Espainiako Estatuan emakume garbitzaileek daramaten borroken katalizatzaile bihurtu da eta elkartasun eta babes osoa erakutsi die Hotel Occidentaleko langileei.
La solución es LA SUBROGACIÓN! @barcelohoteles RESPONSABLE de la situación en #OccidentalBilbao !! @LasKellysBCN besarkada @huelgaoccident : pic.twitter.com/IGdC3JUwMX
— Las Kellys (@LAS_KELLYS) 2017(e)ko martxoak 25
Begoñako hoteleko garbitzaileen grebak iraun bitartean, Barceló saiatu da eragina gutxitzen, haien lana ordezkatzeko langileak kontratatuz, baina lan-ikuskaritzak 30.000 euroko isuna jarri dio, ELAren esanetan. Konpainia ataka estuan geratu da eta azken egunotan negoziaziotan aritu dira; ostiralean goizean itxi dute akordioa. | news |
argia-9e8e5146ba7f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2549/kanonaren-popa.html | Kanonaren popa | Eneko Olasagasti | 2017-04-09 | Kanonaren popa
E z dut ETBz idatziko. Inor ez haserretzeko, kanonaz idatziko dut. Lehengo eta behin esan, ez dela txalupa mota bat. Baina ez dut uste erraza izango denik, zeren kanona aipatzen denean euskal kulturaren ekosisteman beti haserretzen da norbait, ez dutelako sartu hierarkian edo sartu dutelako, baina haserre. Eta barkatu dena minuskulaz idaztegatik.
Kanona araua da baina zerbait gehiago ere bai. Grezia datorkit gogora eta haien neurtzeko modua. Kategorian laburbildu daiteke ere bai. Kanona hierarkia da. Horrek esan nahi du batzuk goian daudela eta beste batzuk behean. Kanoneko ezaugarriez ere idazten dute adituek. Idatzi eta idatzi. Honek, azken batean, kultura mundua, mundua, ulertzeko modu bat besterik ez du adierazten. Hau da, batzuek kategoria daukate eta besteek ez. Kategoria zer den beste kontu bat da. Ez dago zutabe honetan horretarako lekurik. Garbi dagoena da kanonaren neurriak garaien arabera aldatzen direla, ez direla berdinak, alegia, mende batekoak zein bestekoak.
Aurrekoa kontuan hartuz, iruditzen zait gure kulturaren kanona oraindik ere lotuago dagoela XIX. mendeari, XXI.ari baino. Zeren geure kanonean garbi dago zeintzuk dauden goian. Bizirik dauden idazle batzuk, bi-hiru gehienez, hildako eskultore batzuk, bi-hiru ere bai, eta margolari batzuk. Hori da gure kulturaren kanonaren goi-maila. Hori da mediatikoki bultzatu eta prestigioa ematen duena. Zaila da imajinatzea beste esparru bateko artistaren bat Parnaso horren parte izatea. Eta burura eta gogora datozkit musikariak, aktoreak, argazkilariak, poeta tristeak, kantariak, dantzariak, marrazkilariak, diseinatzaileak, soinu ingeniariak, bertsolariak, gidoilariak… Horiek guztiek ere hierarkiaren parte dira baina kanonaren mugen barruan ez dira sartzen nonbait. Adibide bat jartzearren, inozoa guztiz: Atxagari Nobela emango baliote ziur naiz Iñigo Urkullu Oslon izango litzatekeela, baina Telmo Esnali Oscarra emanez gero –hamaika ikusteko jaioak gara–, Los Angelesen ez.
Ahaztu egiten zaie, Los Angelesetik Bilbotik baino gertuago, bizi izan zela gaur denok kanonaren barruan sartzen dugun tipo bat: Andy Wharlol. Pop kultur kontzeptua sortu zuela. Pop popularretik dator, hau da, hierarkiaren mailaren baxuenetik. Eta bada denbora, horrek kanonaren arauak hautsi zituela. Baina nonbait gurean batzuek ez dute hori aintzakotzat hartu nahi.
Nik neure burua pop arte hori egiten dutenen artean ikusten dut, eta berdin zait kanonaren parte naizen edo ez. Baina kulturaren parte naizela ez dut zalantzarik. Beraz poperoa sentitzen naiz, poperoa naiz. Eta euskaraz popak duen beste zentzuarekin ere guztiz bat egiten dut. Azken batean hierarkiaren azken tokian gaude: popan. | news |
argia-bca385a6f517 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2549/jenioak.html | Jenioak | June Fern�ndez | 2017-04-09 | Jenioak
Bazkaldu ondoren Saber y ganar ( Jakin eta irabazi ) lehiaketa jartzen dut telebistan. Lo-kuluxkarako egokia da, baina aldi berean zer edo zer adiktiboa ere badauka. Urtean zehar, 7.000 puntu baino gehiago lortzen duen jokalariak Magnífico ( Bikaina ) estatusa hartzen du. Magnífico horiek saio berezi batzuetan biltzen dira eta berriro ere euren ezagutza apartak erakusteko aukera daukate. Aurten, saio berezi horietan, partaide guztiak gizonezkoak ziren.
Irudi horrek kezkatu ninduen. Hausnarketa sakona eginez gero, emakumeak baztertzen dituen hamaika mekanismo identifikatuko ditugu programa horretan. Gizonezkoak beti gehiengoa dira partaideen artean. Agian giroagatik: aurkezlea, gizonezkoa; galderak irakurtzen dituen off ahots baxua, oso maskulinoa da. Pilar Álvarez da bigarren aurkezlea, saio bakoitzeko bi galdera bakarrik egiten ditu eta Jordi Hurtado gaixorik dagoenean ez du ordezkari lana egiten; beste gizonezko bat bilatzen dute. Galderak androzentrikoak izan ohi dira: gizonezko ekarpenez ari dira batez ere. Gainera, diru gehiegirik lortzen ez dela kontuan izanik (pentsa, 7.000 euro horiek lortzeko bi hilabete egon daitezke jolasten), apuntatzeko motibazio nagusia jenialtasuna erakutsi nahia eta beste jenioekin lehiatzeko gogoak dira, eta horrek jabekuntzarekin harreman handia dauka. Zure burua oso kultu eta azkartzat izan behar duzu, lehiaketak ezagutza anitz, kalkulu azkarra egiteko abilezia edota gaztelaniazko hiztegia menperatzea exijitzen baitu.
Euskadi Literatura sarietan, urtez urte, irabazleen zerrendan proportzio ohikoena lau gizon eta bizpahiru emakume da. Agian, gizonek obra gehiago publikatzen dutelako? Agian, sorkuntzarako denbora eta baliabide gehiago dutelako? Edota epaimahaiek gizonen obrak gehiago baloratzeko joera izango al dute?
Blogetan Azkue Fundazioaren lehiaketako epaimahaian parte hartu dut aurten. Herritarren bozak eta epaimahaiaren bozak batzerakoan konturatu ginen sailkapen horretan gizonak ikusgaiagoak zirela. "Hoberenek irabazi behar dute" argudio meritokratikoak joera hori normalizatzen du, eta horregatik beste arrazoien bila hasi nintzen. Oztopo bat irizpideetan egon daiteke? Onena ezagutza tekniko gehien dituena, edota diseinatzaile baten zerbitzuak ordaindu dituena, edota sare sozialetan jarraitzaile gehiago dituena izango da. Izan liteke gizonek erraztasun gehiago izatea? Hausnartu nuen, baita ere, tradizionalki gizonekin lotutako esparruek (teknologia, bideojokoak, kirola) emakumeengan elikatzen diren zaletasun eta interesak baino ospe handiagoa daukatela; batez ere, moda daukat buruan. Blogetan -eko epaimahaikideek kezka hori konpartitu genuen eta antolatzaileek gure hausnarketak kontuan hartzeko konpromisoa hartu dute.
Premios enfoque kazetaritza lehiaketan finalista geratu naiz. Kazetarien zerrendak generoaren arabera bereizten dira: gizonezko kazetari hoberena aukeratzen dugu alde batetik eta emakumezko kazetari onena bestetik. Zineman paperak generoaren arabera banatzen dira, baina kazetaritzan egileen generoak ez luke garrantzirik izan behar. Seguru asko, irtenbide hori emakumeen ikusgaitasuna bermatzeko pentsatua da, baina berdintasunaren ameskeria dakar.
Euskadi Literatura sarietan, bestetik, urtez urte, irabazleen zerrendan proportzio ohikoena lau gizon eta bizpahiru emakume da. Agian, gizonek obra gehiago publikatzen dutelako? Agian, sorkuntzarako denbora eta baliabide gehiago dutelako? Edota epaimahaiek gizonen obrak gehiago baloratzeko joera izango al dute?
Lehiaketetan parekidetasun faltak sakoneko berdintasun falta identifikatzeko balio dezake. Erronka konplexua da, baina benetan premiazkoa da. Bestela inkontzienteki gizonak azkarragoak, kapazagoak, jenioagoak direla sinesten jarraituko dugu. | news |
argia-c959cc851d6c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2549/pikardia-zutik-ruffinek-aberatsei-ostikada-eman-nahi-die-legebiltzarretik.html | Pikardia Zutik: Ruffinek aberatsei ostikada eman nahi die legebiltzarretik | Pello Zubiria Kamino | 2017-04-09 | Pikardia Zutik: Ruffinek aberatsei ostikada eman nahi die legebiltzarretik
François Ruffin kazetariak Frantziako oligarkia birritan astindu ostean, lehenik Merci patron! dokumental zirraragarriarekin eta gero Nuit Debout mugimenduaren sorrera bultzatuz, politikarako jauzia egin du: Parisko legebiltzarrerako aurkezten da diputatugai, Amiens inguruko hautesbarrutian PStik haragoko ezkerraren eta ekologisten babesa lortuta. Podemos frantses baten ernamuina?
François Ruffin Calais hirian –Frantzia iparraldean– jaio zen 1975ean. 1999an, Fakir aldizkaria sortu zuen, "ia kristo guztiarekin haserretua". Idatziengatik zazpi aldiz eraman dute enpresa handiek auzitara, seitan berak irabaziz. France Inter irratian eta Le Monde Diplomatique n ere eginak ditu kolaborazioak. 5 eta 8 urteko bi haurren aita da. Futbolzalea ere bai eta "Nola ebatsi ziguten futbola?" liburua idatzia du.
2016an Merci patron! dokumentala egin zuen, ARGIAko orriotan aurkeztu genuena: Jocelyne eta Serge Klur senar-emazte langabetuek beren ezin biziaren erruduna den Bernard Arnault oligarkari xantaia egingo diote, Ruffinen eta beste zenbait langile militanteren laguntzaz. Filmak erakusten du Louis Vuitton, Moët-Chandon, Kenzo eta beste hainbat luxuzko konpainiaren jabe den Arnaulten aberastasunen jatorri iluna eta obreroekin darabilen jokabide errukigabea.
Espainian –Hego Euskal Herria barne– gutxi aipatua izan den arren, Frantzian 500.000 jendek ikusi dute aretoetan Merci patron! , fenomeno soziologiko bat izan da eta hein batean haren uberan piztu zen Nuit Debout mugimendua 2016ko martxoan, sindikatuek Parisen antolatuta zeukaten manifestazio baten amaieran milaka jendek erabakirik plazak okupatzea, aurretik Occupy Wall Street eta M-15ekoek egin bezala. Euskal Herrian Gipuzkoa Zutik mugimenduak egin zion oihartzun, bere txikian.
Merci patron! -ekin Cesar saria –Goya, Espainian balitz– irabazita, domina jasotzera agertutakoan hitzaldi gogoangarria egin zuen Ruffinek kameren aurrean: "Nire filmak aipatzen du fabrika bat Poloniara eraman zutena, atzean utziz kristoren miseria eta ezinegona. Eta gu hemen solasean ari garen bitartean, Amiens hiriko Whirpool fabrika, jantzien lehorgailuak ekoizten dituena, gauza bera ari da nozitzen, Poloniara baitaramate. Duela hamabost urte, ordurako Amiensen nintzen, arropen garbigailuak eraman zituzten Eslovakiara, Continental eraman zuten Errumaniara, Goodyear Poloniara… Badira hogeita hamar urte hau gertatzen dela altzarigintzan, oihalgintzan, kimikan, metalurgian eta denetan. Zergatik beti berdin hogeita hamar urte pasata ere? Obreroak harrapatzen dituelako, eta horiek ez zaizkiolako inori inporta".
Eta espektakuluko profesionalei begira jarraitu zuen: "Aktoreak balira, aktore errumaniarrekin konkurrentzian jarrita, arazoa berehala azalduko litzateke. Balira kazetariak… Kazetarien zergak ukitzen direnean, eztabaidak egoten dira, iritzi artikuluak egunkarietan. Baina imajina dezagun diputatuei gertatzea, esaten dutela diputatuak ez direla aski konpetitiboak. Diputatu frantses bakoitza kostatzen da hileko 7.610 euro, aldiz, diputatu poloniar bat hileko 2.000. Baina Bangladesheko diputatu bat hilean 164 euro kostatzen da! Pentsa egun batean esaten dela: 'Bihar Legebiltzarra Varsoviara deslokalizatu behar dugu'. Berehala egongo lirateke eztabaidak parlamentuan, eta lege proposamen bat sortuko litzateke. Badira berrogei urte hori bera gertatzen zaiela obreroei eta inork ez du lege proposamenik egin".
Ruffinek mintzaldia bukatu zuen François Hollanderi eskatuz "ipurdia mugitu dezala" eta fabrikak deslokalizatzen dituzten markak Frantzian saltzea debekatzeko.
Diputatu soldata: 1.181 euro
Cesar saria ospatzera Ruffin Whirlpooleko langile etsituen artera joan zen. Han mamitu zuen bere eskaintza politikoa, Parisko legebiltzarrerako Pikardia Zutik – Picardie Debout – plataforma bateratuan hautagai aurkeztekoa. Ordurako Ruffinek azken urteotan hainbestetan aurkitu dituen sindikalistek egina zuten ezkutuko lana, lortuz bai Jean-Luc Melenchonen Ezkerroko Frontearen eta bai Berde-Ekologisten adostasuna.
Legebiltzarrerako hauteskundeez ari gara. Frantzia eta Europa osoa lehendakaritzarako bozketei begira dauden bitartean, ea azkenean beteko den Marine Le Pen president bihurtzeko amesgaiztoa... bitartean beste asko ari dira ondorengo hilabeteetarako prestatzen, alegia, bata zein bestea suertatu lehendakari, haren politikek pasatu beharko dutela parlamentuaren galbahetik.
Zer eskaintzen du Ruffinek? Hasteko bere burua kokatu du klase guztietako promesak entzunda desengainaturik dagoen boto emailearen lekuan: "Dudarik gabe, 'gehieneko soldata' bat ezarri nahiko nuke legez. Gai eta kapitalen zirkulazio librea baimentzen duten Europa mailako itunak ezabatzea. Lan prekarioa bukatzea. Gutxieneko soldata eta erretiroak 1.500 eurotara igotzea. Oporretarako seigarren astea. Enpresa txikiak laguntzea eta ez handiak. Baina sinetsiko al dituzue zuek nire promesok? Akaso Legebiltzarrean edukiko ote dut gehiengoa? Duda egiten duzue, eta arrazoiz". Horregatik, Ruffinek hiru konpromiso zehatz hartu ditu.
Bat: bere diputatu kargua utziko du botoemaileen %25ek hala eskatzen badiote. Bi: diputatu bakoitzak urtero 130.000 euroko poltsa bat daukanez nahi duenari laguntzeko (bost urtetan 650.000!), juradu bat antolatuko du zozketaz haien esku utziz diru hori banatzea. Hiru: gaur diputatu batek hilabetean 7.100 euro gordin kobratzen duenez (beste indemnizazio eta estrak aparte), gutxieneko soldata 1.500 eurotara igo artean Ruffinek kobratuko du hilean 1.181 euro, Fakir aldizkarian kobratzen duena.
"Premiazkoa da –dio Ruffinek elkarrizketetan– ezkerrak lur hartu dezan jende apalaren artean, baserrietan bezala hirietako auzuneetan. Erakarri behar ditugu ezkerretik abstentziora jo dutenak, sozialistez etsituak, Front Nationalen bozak berreskuratu, erakutsi isiltzea edo FN bozkatzea ez den beste modu bat badela haserrea eta Europa honen arbuioa erakusteko".
Picardie Debout hautagaitzaren inguruan ilusionatutako jende multzo baten babesean, Ruffinek atez ate bisitatzen ditu Amiens, Abbeville eta inguruko auzoetako familiak. "Gure filmean erakutsi den moduan, arazoak dauzkazunean lanean, edo langabezian zaudenean oso erraza da arrazismora jotzea, eskueran dauzkazunei erasotzea, izan etorkin edo laguntza sozialen hartzaile. Berriro ulertarazi behar dugu zein den benetako arduraduna: ugazaba. Lehen ezaguna zen, nagusiak jauregia zeukan denen bistan, kapera propioa hilerrian. Gaur elkarrengandik urruti bizi dira langilea eta izorratzen duen patroia. Ikusi Whirlpool, Amiensetik laster deslokalizatuko duten fabrika: langileek ez dakite nagusia nor den ere".
Ruffinek azaldu die Whirpooleko obreroei: "Jeff Fettigek irabazten du gutako bakoitzak 500 urtean nekez irabaziko lukeena. Eta dio geu, langileok garela garestiegiak!". | news |
argia-4bf1da356b33 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2549/camilo-torres-preso-politikoen-kolektiboa.html | ELNko gerrillariek Bellavistako kartzelan ereiten dituzte iraultzaren haziak | Lukas Barandiaran San Roman | 2017-04-09 | ELNko gerrillariek Bellavistako kartzelan ereiten dituzte iraultzaren haziak
Kolonbiako kartzeletan ez da ohikoa paretak ELN Nazio Askapenerako Armadaren, Camilo Torres apaiz gerrillariaren eta Che Guevararen irudiez beteta edukitzea. Besteren artean, horregatik da berezia Medellingo Bellavista kartzelan, Camilo Torres Preso Politikoen Kolektiboko zazpi kide dauden modulua. Zona Teknikoa deitzen diote espetxeko guardek; Jakintzak, Ametsak eta Itxaropenak Ereiteko Gunea berrizendatu dute hangoek. ARGIA han egon da.
Bellavistako kartzela 1.700 presorentzat eraiki zuten, baina egun 4.700 daude. Hala ere, hango modulu batean zazpi pertsona daude soilik: ELNko sei komandante eta paramilitar ohi bat. Hobe esanda, bost pertsona dira egun, horietako bi ELNren bake "gestore" izateko askatu berri baitituzte Quitoko elkarrizketen testuinguruan. Askatu dutenen artean dago Juan Carlos Cuellar, Bellavistako kolektiboaren sortzailea, eta pertsona giltzarria egun ELNk eta Kolonbiako Gobernuak Quiton aurrera daramatzaten bake elkarrizketak ulertzeko.
Bellavistan Jairok eta Armandok jaso gaituzte eskuzabal. Pakito Arriaran Fundazioaren kamiseta bat jantzita duela, Armandok, Antioquia ipar-ekialdeko ELNko komandanteak, gosaria prestatu du iritsi berrientzat. Sukaldean pizten da elkarrizketa, Jairok, kolektiboko beteranoetako batek, begirada kentzen du ordenagailutik, eta solasaldiaren nondik norakoak erakarrita, batu egiten da.
Biek azpimarratzen dute kolektiboa ondo ulertzeko hamarkada batzuk egin behar ditugula atzera. Guneak 1992ko azaroan du jatorria. Francisco Galán ELNko komandantea atxilotu eta bakartuta izan zuten segurtasun kontuengatik. Laster amaitu zen baina bere bakardadea: Felipe Torres, gerrillako komandante garrantzitsua atxilotu eta berarekin espetxeratu zuten. 90eko hamarkadan Kolonbiako Gobernuaren eta gerrillaren arteko bitartekaritza lanak egin zituzten, eta gerrillaren ordezkari bilakatu ziren gobernuaren aurrean. Horretarako, zenbait baliabide eman zieten.
"Mugikorrak, ordenagailuak eta HF irratiak eman zizkieten komandantziako gainontzekoekin komunikatzeko. Oroitzen naiz ELNko egituren artean irrati errondak egiten genituenean haiek kartzelatik parte hartzen zutela", dio Jairok.
Isolamendutik kolektibora
Cuellar, ELNren hego-ekialdeko gerra fronteko burua eta gerrillaren zuzendaritzako kidea, 2004an atxilotu zuten, eta Galán eta Torresekin espetxeratu zuten. Bizkor baina, bakarrik geratu zen, besteak kalera atera baitziren zigorra bete ostean. Cuellarrek bere kideen zeregina jaso zuen herentzian, eta hala, Alvaro Uribe lehendakari ohiak harengana jo zuen 2006an ELNrekin bake elkarrizketak hasteko. Cuellarrek bi baldintza jarri zizkion Alvaro Uribe lehendakari ohiari: preso politiko gisa aitortzea eta kide gehiagorekin egon ahal izatea.
Izan ere, Cuellarrek hiru urte igaro zituen bakarrik, katuen eta telebistako soinuen konpainia hutsarekin, etxean etsaia sartu zioten arte: Pallares paramilitarra. 2006an utzi zituen armak Pallaresek; Justizia eta Bakea prozesuan, Kolonbiako Autodefentsa Batuak egitura paramilitarrak desmobilizazioa adostu zuen gobernuarekin. Egiaren Batzordeari eta Justiziari egia gehiegi aitortzen ari zitzaiela eta, mehatxatu egin zuten kide ohiek, eta bizitza salbatzeko, gune seguru horretara lekualdatu zuten Medellingo beste kartzela batetik, Itagüitik. Bertan, harreman ona egin zuen etsai zituenekin, eta egun kolektiboko kide bat gehiago da.
Hala joan zen kolektiboa sortzen Bellavistan. Hara ezin zuen edonork joan, baldintza jakin batzuk bete behar ziren: Cuellarrek ezagutzea, ELNn ardura postua eduki izana, eta formatzen jarraitzeko konpromisoa hartzea.
Cuellarrek egindako bitartekari lanak ez zuen arrakastarik eduki 2006an. Juan Manuel Santos lehendakaria gobernu ra heldu zenean 2010ean berriro saiatu zen ELNrekin bake elkarrizketak eraikitzen, FARC-EPrekin egin bezala, eta Cuellarrengana jo zuen. Egun Quiton martxan dauden bake elkarrizketen jatorria hartu-eman horretan dago. Otsailean, bake "gestore" izateko askatu zuten Cuellar, Eduardo Martinez kidearekin batera. Bere zeregina izango da bake elkarrizketak elikatzeko gizartearekin egotea. Garrantzi handia ematen die ELNk herri mugimenduei, bere burua herri borrokaren osagai bat gehiagotzat du. Hala, Quitoko negoziazio mahaian gizarte osoak negoziatu behar duela uste du, eta herriarekin harreman hori ehuntzeko zeregina edukiko dute Cuellarrek eta Martinezek.
Autonomiak hausten ditu barroteak
Duen jatorriagatik, bertako egoera ez da kartzela arrunt batekoa. Bakoitzak bere ziega du, sukaldea, bulegoa, interneterako sarbidea, telefonoa eta nahibeste bisita eta bilera dituzte, besteak beste. Ezohiko baldintzak dira, eta horiek nola lortu dituzten galdetuta, prozesu subertsibo bat izan dela azaldu du Jairok. "Hala delako, iraultza egitea da, behetik, egunerokotasunetik, konstantziatik. Janariaren kasua, esaterako. Juan Carlosek janaria kudeatzeko eskubidea zeukan segurtasun kontuengatik —gainontzeko preso guztiek kartzelako jangela zerbitzuan jaten dute—. Gutxinaka sukaldetxo bat edukitzeko aukera lortzen joan zen. Gauza guztiekin antzera, hasieran instituzioak trabak jartzen zizkion, baina ekitearen ondorioz etsi egiten zuten. Ondoren, bisitarientzat kafea egiteko, termo bat eta edalontzitxo batzuk edukitzen utzi zioten, 'baina bilera amaitzerakoan zuzendaritzari itzuli behar zaizkio'. Azkenean, nekatu egin ziren gauzak eraman eta ekartzeaz. Eta noski, gainontzekoak iristen joan ginean, Juan Carlosek zituen eskubide guztiak eskuratzen joan ginen, eta inork ez zuen ezer ere esan".
Bisita erregimenak asteburuetara mugatuta daude kartzelan, larunbatetan gizonak eta igandetan emakumeak. Baina jendearen joan-etorria etengabekoa da Zona Teknikoan: Kolonbiako eta nazioarteko pertsonalitate nabarmenak, herri mugimenduetako kideak, akademikoak, kazetariak, gobernua… egunero bisita bat baino gehiago jasotzen dute. Hori ere, ekinaren ekinaz lortu dute. "Hasiera batean gobernukoak etortzen ziren asteburuetan, baina horrek familiekin egoteko denbora kentzen zigun, beraz, gobernuaren bisitak aste barruan egiten hasi ginen. Ondoren, Buenaventurako Unibertsitatearekin diplomatura bat egiteko gunea asteazkenetan irekitzea lortu genuen, eta jarraian ostegunetan, Javerianarekin genuen beste diplomatura batentzat… Gutxinaka aste guztia irabazi genuen".
Hala ere, baldintza horiek eztabaida iturri ere izan dira. Kolektiboko kideek bizi baldintza bereziak dituzten bitartean, ondoko patioetan, ELNko gainontzeko presoek Kolonbiako kartzeletako sufrikario guztiak jasaten dituzte. Horri buruz galdetuta, kolektiboko kide Armandok argi utzi du: "Gureak ez dira pribilegioak". Biek, Armandok eta Jairok diote Kolonbiako preso politikoen egoera oso txarra dela, baina haiek baldintza horiek konpontzeko lan egiten dutela. Jairok, esaterako, aipatu du haiek jaso duten diplomatura bat jasotzen ari direla Cúcutako kide espetxeratuak: "Diplomatura jasotzeko espazio berean biltzen dira ELNko emakume eta gizon gerrillariak, eta hori aurrerapen handia da".
Armandok dio arreta berezia jarri diotela dispertsioari. Hori da preso politiko askori ezartzen zaien erregimen kartzelarioa. "Nire familia ez ikustera zigortzen naute. ELNko kideen familia gehienak txiroak dira, eta ez dute ni ikustera etortzeko dirurik". Kolonbian garraioa garestia da, eta orografiagatik, oro har bizpahiru ordu behar dira ehun kilometro egiteko. Kide baten kasua jartzen dute. Haiekin zegoen Bellavistan, baina aukera eman ziotenean, nahiago izan zuen Cúcutara joan baldintza askoz ere kaskarragoekin, han baitzegoen bere familia.
"Baina dena ez da erraza izan", Armandok elkarrizketaren norabidea aldatu du. Haiek ere —euskal preso politikoek kartzelarekin harremantzeko modua azalduta— gunea konfrontaziotik eraiki dutela dio. "Espetxezain batzuk oso gogor jokatu dute gure proiektuaren aurka, eta espetxezain berri bat iristen den bakoitzean lortutako baldintzak zalantzan jartzen ditu. Benetako borrokak eduki ditugu gure dinamikak errespeta zitzaten. Guk ere jasan dugu Euskal Herriko kideek duten erregimen gogorra, eta horietara itzularaztearekin mehatxatu gaituzte askotan, baina tinko eutsi diogu gure posizioari proiektua eta autonomia mantentzeko. Izan ere, autonomiarekin dauka zerikusia; preso egonda ere, ea nola hausten ditugun ezarri dizkiguten barroteak kartzela barnetik".
Kartzelako paretak zabalduz
Hasiera batean beren papera gobernuarekin bitartekari izatera mugatzen zen arren, laster hautsi zuten horrekin. Jairok azaldu du duela lau urte eta erdi, haiek heldu zirenean, lantalde bat osatu zutela Cuellarren gidaritzapean. "ELNko kide ziren pertsonekin talde bat osatzea zen ideia. Herrialdeko hamaika txokotatik gatoz, Antioquia, Santander, Arauca, Boyacá, Cauca… Hain zuzen, herrialde osoko erakunde eta mugimendu sozial eta komunitarioekin harremanak egin eta lan dinamikak abiarazi nahi ditugu. Egiten dugun guztia gure proiektu iraultzailearen arabera egiten dugu", azaldu du Armandok.
Kolektiboko kideak gitarra jotzen. Txuriz Armando, arrosez Cuellar, eta hondoan grisez Jairo.
Beren egiteko nagusia herrialde guztiko dinamika soziala ehuntzea da, paradoxikoki, kartzelatik: "Zubiak eraikitzen laguntzen dugu, erakundeek beren lanak artikula ditzaten". Izan ere, hor ikusten dute dinamika sozialaren hutsune nagusietako bat. Langileak, irakasleak, nekazariak, indigenak, afroamerikarrak… bakoitzak bere borroka propioa dauka, eta elkarguneak topatzeko zailtasunak dituzte. "Lantzen eta garatzen joan garen proiektuak trazatu ditugu, eta horrek elkartzeko aukera eman digu. Hala, bake koiuntura honetan dinamika sozialak behar duen herri bloke handi hori eraikitzen saiatzen ari gara".
"Kanpoko bizitzan urteetan topo egin ez duten pertsonek hemen elkar ikusi dutela, esanguratsua da. Bizitza eromen bilakatzen da kanpoan, batez ere hirietan, pertsona bat bere ingurunetik, testuinguru politikotik atera arte", azaldu du Jairok. "Jendea hona dator, modu formalean biltzen dira, ongi egituratutako parte-hartzeak egiten dituzte, eguneko ordenarekin, aktak, eta ateratzerakoan bakoitzak taxia hartzen du bere etxera beste bilera batean topo egiten arte. Horraino iristen da politika".
Jairoren hitzak azaldu eta sakontzen ditu Armandok: "Hemen barnean egoteak politika egiteko moduak berrikusteko aukera eman digu. Politikoa lantzea gai zehatz batzuetan jardutea dela sinestarazi digute, eta ahaztu egin zaigu gure bizitza osoa politikak zeharkatzen duela. Horixe da sistema kapitalistaren logika, modernitatearen logika, zatitxotan banatzea. Nire izatea, subjektu bezala, zatitxotan banatzea egunerokoan. Bizitza partikularizatu digute, elkar ulertzea eta arazoen korapiloak askatzea posible egiten duten loturak hautsi dituzte".
Teoria politikoaz mintzo da Armando. Kanpamentuko eta kartzelako bizitzan formakuntzari ordu asko eskaini izan dizkiote. Kanpamentuko bizitzan egunero ordu bat eskaini behar diote formakuntzari, eta Bellavistako kartzelan egoteko ezinbesteko baldintza da formakuntzarekin jarraitu nahi izatea.
Teoriaz hitz egiten baina, Armandok dio kartzelak balio izan diela irakurritakoa ulertzeko. "Hori hemen ulertu dugu –dio aurrekoarekin jarraituz-. Ekarpen intelektual horiek guztiak oso garrantzitsuak dira, noski, baina hausnarketa horiek hemen egin ditugu. Kanpoan, gerrillarien bizitzak ezartzen digun erritmoarekin ezinezko zaigu gauza horietaz hausnartzea, baina hemen egoteak horretarako laguntzen digu. Kanpoko eta hemengo esperientziei esker, iraultzaren barnean hartu ditugun rol eta pautak aztertu ahal izan ditugu. Sistema hau hausteko modu bakarra kapitalismoak eta modernitateak ezarritako jarduteko pautak haustea da, eta gure logika propioak eraikitzea".
Kartzelan egoteak gerrillari armatu bezala jardutea eragotzi badie ere, zeregin iraultzaileareakin jarraitzeko aukera aurkitu dute kartzela barruan. Paradoxikoki, Camilo Torres Preso Politikoen Kide hauei kartzelan egoteak eman die herri mugimenduarekin ehuntzeko aukera paregabea; eta ez diote aukera horri uko egingo: "Ezinbesteko zaigu herri mugimenduarekin batera aritzea, ezin dugu albo batera utzi. Camilo Torres Preso Politikoen Kolektibo bezala, hori da gure esentzia. Ez dugu inolaz ere artikulazio hori hauts diezaguten utziko". | news |
argia-2f3bf54570f1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2549/garbine-elizegi-baztango-alkate-ohia.html | "Alkate joan eta mutil-dantzan ez parte hartzea ez zen aukera" | Miel Anjel Elustondo | 2017-04-09 | "Alkate joan eta mutil-dantzan ez parte hartzea ez zen aukera"
2013an Elbeteko mutil-dantzan irainka hartu zuten Baztan bailarako alkate eta ordezkari gorena. Garbiñe Elizegik esku bete lan izan zuen lau urteko agintaldian: ohiko eginbeharrak ez ezik, mutil-dantza parekidearen aldeko borroka eta Aroztegia kudeatu behar izan zituen. Hertsi gabeko zauriak dira biak ere Baztanen.
Korrika eta presaka etorri gaituzu Baztanera. Garbiñe Elizegi badoa Amerikara kurri, itzulerako bidaia-txartelik gabe.
Baztan maite dut, Euskal Herria maite dut, baina aldika deskantsua behar dut, hemendik joan eta bertze toki batzuetan eman denboraldia. Horrela egin izan dut ahal izan dudanetan.
Darfurren zinen 2005eko Eguberrietan, Sudanen. Gogorra behar du gerrak.
Bai. Estres postraumatikoa zen ez dakit, baina urtebete eman nuen handik honat etorri eta errekuperatzen. Gauza gogorrak ikusiak nituen San Frantziskoko ospitaleko lanean, baina Darfurren ez zen deskantsurik, 24 ordu ginen ospitalean. Itzuleran, txokea. Hango errealitatea, batetik, hemengoa, bertzetik. Europarrok eta gure gobernuek duten arduraz jabetu eta nekez onar nezakeen egoera. Nik bezala, kooperante anitzek bizi du ezinegon hori. Uste dut gehiago den lehenbiziko esperientzia zelakoz. Gerratik etorria nintzen, haurrak hiltzen ikustetik, eta hemen, aldiz, autoa ezin aparkaturik ibiltzea zen afera handiena. Erratekoz.
Zuzeneko gerra erasorik bizi izan zenuen?
Ez, zaurituak bertzerik. Nire zenbait lankidek bai, erasoak ezagutu zituzten, eta bortxatu ere egin zituzten batzuk. Bazen errebeldeek hartutako herria, gobernuak abandonatua, eta han ospitale bat, guk, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak, lanerako hartua. Gobernuak herria eta ospitalea bonbardatzeko arriskuan ginen. Bertzalde, baziren paramilitarrak, janjaui -ak, zaldiz ibiltzen zirenak, herriak erre –lastozko etxeak baitziren– eta emakumeak bortxatzen zituztenak. Horixe zen haien "borroka". Ospitaleko lana ez ezik, borroka izandako lekuetara joaten ginen, ihesi joandako jendeari laguntzerat. Desertua zen hura. Toki idorra. Oxfam, Gurutze Gorria, Gosearen Aurkako Ekintza… han ginen denok.
Ondoriorik badu Gobernuz Kanpoko Erakundeek egiten duten lanak?
Eztabaida hori hor da beti gure artean ere. Erakunde horien lana ez da soluzioa, baina horien laguntzarik gabe, bizirik dagoen jende anitz hila zegokeen honezkero. Toki anitzetara ez da laguntzarik heltzen.
Beharbada, gaizki egina da galdera. Beharbada, galdetu behar nizun zerengatik den gerrarik han edo hemen.
Gobernuek dute ardura, gure gobernuek. Munduan diren gerrak Europak eta AEBek kontrolatzen dituzte. Ez dut zalantzarik horretan. Horrekin batera dago guk "zirku humanitarioa" deitzen genuena. Tartean, Gobernuz Kanpoko Erakunde pila. Pila. Gerra sortzen duten gobernuen finantzazioaz bizi dira, independentziarik gabe… Dilemak anitz dira egunero, eta koherentziari eustea, berriz, gauza zaila. Eztabaida beroak izaten ziren gure artean ere.
Erdizko harrobiaren hotsak isildu dira. Aroztegia, berriz, hor da. Leitu dudanez, Baztango udala prest legoke golfa, hotela eta apartamentuak onartzeko, bailarako turismoa azkartzeko baldin bada. Hala ere, ez dago prest etxebizitza unifamiliarrak eraikitzen uzteko, espekulazioa argudio. 500.000 euroko balioa duen zoruak, 36 milioiko balioa izango omen luke.
Hori da estimazioa… Ez dakit nondik hasi ere. Batetik, Baztan goxoki hutsa da, Euskal Herriko udalerririk zabalena, lurren %80 komunala da hemen. Bertzetik, landa eremuetan dira baliabide naturalak; hiriak dena jana du, eta bertzalde, han bizi da jende gehiena, herriarekin eta naturarekin harremanik gabe. Alderdi politikoak ere boto kontaketaren jokoan erorita daude, eta botoak hirian daude. Anitzetan saldurik gaude. Multinazionalak, kapitala, lurra bereganatu nahi dutenak, hor daude beti baina horrekin batera, alderdietako aparatu ofizialak, parlamentua eta bertze, bigarren mailakotzat dituzte herrietan gertatzen diren aferak. Guretzat, berriz, Aroztegia da Baztan hankaz gora jartzea.
Zertan hankaz goratzen du Aroztegiak Baztan?
Hemengo egitura sozial eta urbanistikoa iraultzen du. Hor duzu, adibide, Lapurdiko itsasertza. Bertze hainbat adibide dituzu Espainiako Estatuan. Proiektu politiko jakin baten defentsa zilegi da, baina herritarren kontrako, Udalaren eta Batzar Nagusien kontrako erabakia hartu eta inposatzea ez da onargarri. Nafarroako "aldaketaren" gobernuak UPNk bezalaxe jokatu du Aroztegian. Gobernu hori babesten duten alderdiei, bertzalde, gaia ez zaie aski garrantzitsua iruditu; behinik behin, ez dute haren jarduera kondizionatu. Hiru alderdiek elkartuta badute aski indar afera bideratzeko, bertze zenbait gairekin egin duten gisan.
Zein dira Aroztegiaren bultzatzaileetan?
Caixa Galiciaren higiezinak berea zuen akzioen %50. Erreskatatutako bankuak. Baztango enpresaburu horiek, berriz, Baztan "salbatu" nahi dute, lanpostuak sortu… turismoaren bidez. Hiritik hori da beti ikuspuntua, landa eremuarekiko diskurtso paternalista hori. Bertzalde, Baztanen beti izan da elitea, eta elitea den tokian erresistentzia ere bada. Erranen nuke erresistentzia fuerte dagoela Baztanen, fuerteago nahiko genuke, baina Erdizko harrobiaren proiektua geraraztea lortu genuen, udala %100 kapitalaren alde zegoenean. Aroztegia geldiaraztea ere lortu genuen, baina PSISaren [Udalaz Gaindiko Intzidentzia duten Plan eta Proiektu Sektorialak] bidez saiatu ziren orduan, eta hor ari gara, borrokan.
Garbiñe Elizegi, Aroztegiaren epaiketara sartu aurretik, 2016ko azaroaren 8an. Argazkia: Idoia Zabaleta / Argazki Press.
Aroztegia aferak salaketak ekarri dizkizu…
Hiru salaketa judizial ditut gainean. Hiruak Palacio de Aroztegia enpresak jarritakoak. Lehenengoa, hauteskunde biharamunean jarri zuten, alkate nintzela, proiektua "pelotazo urbanistikoa" zela errateagatik. Bigarren salaketaren arabera, prebarikazioa leporatzen digute Baztango gaur egungo alkateari [Joseba Otondo] eta bioi, alkate ginela proiektuaren aurkako erabakiak hartzeagatik. Hirugarren salaketa Aroztegia… eta gero zer? plataformako kide nintzela prentsaurreko batean parte hartzeagatik jaso nuen, beste sei lagunekin batera. Irainak leporatzen dizkigute, eta 50.000na euroko isuna eskatzen.
Baztango alkate zinela oihuka eraso zintuzten 2013an Elbeteko jaietako mutil-dantzan.
Gure analisiaren arabera, aldaketa anitz gertatzen ari ziren Baztanen, erresistentziak antolatzen ari ziren zenbait arlotan, eta bailarako eliteak gotortu egin ziren. Mutil-dantza, berriz, botere erakustaldia izan da anitzendako. Dirudun gehien dagoen herrietan, erdaldun gehien, boterearekin lotura handiena dutenetan gotortu dira eliteak. Ez da kasualitatea. Bertzalde, espero ez zena gertatu zen udalean, eliteekin loturarik ez zuten talde arras gazteak lortu zuen alkatetza, eta buru, emakumea, eta feminista. Artaldetik ateratzen denak mesfidantza sortzen du, eta gu ez ginen artaldekoak. Ez genuen elizako biderik ere egiten.
Mehatxuak jasoa zara mutil-dantzen kontura.
Ez ni bakarrik. Alkate izan aurretik plazara ateratzen baginen ostiaka aterako gintuztela erran ziguten. Alkate nintzela, berriz, a egunkarian argitaratu zituzten zenbait eskutitzetan, udalera igorritako eskutitz anonimoetan, mehatxuak eta irainak jaso genituen. Mehatxu zuzen izan gabe ere, gure kontrako indarkeria bultzatzen zuten, eskarmentua merezi genuela zioten. Artean alkate nintzela, heriotza mehatxuak ere jaso nituen idatziz, bi aldiz, bandera espainola jartzen ez bagenuen hilko gintuztela erranez. Estresa beti.
Zuen jazarpenak badu Irungo eta Hondarribiko alarde parekideetan emakumeek jasaten dutenaren antza.
Guk ez genuen haiek bezala bukatu nahi. Baztango eliteak hango bidea egiten saiatu ziren hemen, mutil-dantzak pribatizatzen, eta guk hori errotik moztu beharra ikusi genuen, bertzenaz alardeen bidea eginen zuen mutil-dantzak. Behin baino gehiagotan erraten dut nik mutil-dantzen aferaz ari garela: hemen eskakeo orokorra izan da. Zalantzarik gabe ikusten dugu zein jarrera hartu Hondarribiko eta Irungo alardeetan, baina bertzela ikusten dugu gauza Baztango mutil-dantzei dagokienean.
Trikuarena egitea duzu "eskakeo orokorra", arazoari ihes egitea, ezkutatzea.
"Denborarekin konponduko dira gauzak", erraten ziguten aldaketa sozialaren alde gurekin bat egiten zutenek. Baina gauzak ez dira denborarekin aldatzen, ekintzarekin baizik. Plazetan dantzan ari ginelarik, afera sortu zen mutil-dantza baztertzailea ematen ari zelako ikastolako parkean, parke publiko batean. Bazterketa horrekin akitzeko bilerak, solasak egin genituen baina han segitzen zuten. Hor erabaki genuen sartzea. Hori izan zen gure ekintza zuzena.
Elbeteko mutil-dantzan, 2013an, ez zioten ongi-etorririk egin Elizegi Baztango alkateari. Argazkia: Diario de Noticias.
Irainka hartu zintuzten Elbeteko hartan.
Oso bortitza izan zen, baina ongi pentsatuta egin genuen ekintza hura. Egia erran, nik aurreikusten nuen hura, musika isiltzea, mutil-dantzariek dantza uztea… Nire herrian bizitua nuen egoera hori, Lekarozen. Baina orduan ez nintzen Baztango alkate. Ez dut deusekin konparatzen ahal, baina nirekin hazitakoak ziren Lekarozko plazan oihuka eta mehatxuka hartu nindutenak dantzara sartu ginenean. Elbetekoa gogorra egin zitzaidan, baina are gogorragoa nire herrikoa. Bertzalde, barneko presioak ere izan ziren.
Barneko presioak? Politikoki eraldaketa sozialaren alde zuekin bat egiten duen jendearena erran nahi duzu.
Bai. Udaleko taldekideek bat egin zuten gurekin, baina alderdi mailan denak ez ziren gurekin. Betiko aitzakiak: "Ez da komeni… Hauteskundeak galduko ditugu…". Baina alkate joan eta ez dantzatzea ez zen aukera. Amaiurren, erratekoz, hitz egitera joan ginen, gu dantzan hasi eta txistularia ez isiltzeko; solastu ginen, txistularia aldatu zuten eta dantzatu ahal izan genuen. Erran genien alkatea –kasu hartan, ni–, herrira joan, dantzara sartu eta txistularia isiltzen bazen ez genuela diru-laguntzarik ematen ahal, egiten zuten diskriminazioagatik. Hor ere gatazkak izan genituen bailarako Bildu barnean. Nazio mailako egiturek babesa eman ziguten, mintegia ere egin genuen, bat zetozen gure helburuarekin, baina batzuk ez zetozen bat gure ekintza zuzenarekin.
Zergatik?
Zalantzan jartzen delako beti mugimendu feministaren jokaera. Egiten ditugularik tailerrak, alardekoekin eta bertze, aldiro agertzen den faktorea da ezkerreko mugimenduetan: feminismoaren inguruko beldurra… Ezkerreko mugimenduetan feminismoari beldurra diote anitzek. Iraultza sakona eskatzen duelakoz. Azaleko iraultza saltzen digute anitzetan eta feminismoa iraultza holistikoa da. Ezkerreko mugimenduetan dauden gizonek gauzatzen duten zapalketa aitortzeak, bertzeak bertze, beldur ematen du, eta hor ere trikuarena egiten ari gara berriz ere. Ezkerreko mugimenduetan ere ez zaio barneko matxismoari aurre egiten.
Bazoaz AEBetara, Dakotara, zure bizitza zikloek agintzen dutenez, aldika intentso, aldika bare.
Bai. Nik Zeelanda Berria, Asia eta denak ezagutu nahi ditut, eta ez dakit noiz itzuliko naizen ere. Bitartean, "banoa buelta bat ematerat" erran eta banoa, Ipar Dakotara, bertako indigenetara. Lurrak dituzte AEBetan eta Kanadan, Manitowan. Hasteko, urtebeteko noa. Ikusiko da… | news |
argia-018ff033df3f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/erretzea-txarra-da-gerrarako.html | Erretzea txarra da gerrarako | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-11-13 | Erretzea txarra da gerrarako
Palestina, 1917ko urria. Gerraren hasieran Otomandar Inperioaren esku zegoen herrialdean armada britainiarra aurrera egiten ari zen, baina une horretan Gazan trabatuta zeuden, turkiarren defentsa setatia zela eta. Orduan, britainiar agintari militarrek erabaki zuten egoera desblokeatzeko eta turkiarren lerroak hausteko, gudu nagusia ez zela Gazan egin behar, handik 30 bat kilometrora zegoen Beersheba hirian baizik. Beersheba hartuta, Jerusalemera erraz iritsiko ziren. Baina plan bat behar zuten eta zeregin hori Richard Meinertzhagen (1878-1967) inteligentziako ofizialaren eskuetan utzi zuten.
Etsaiek Gaza gotortuari erasoko ziotela pentsatzea nahi zuen; hala, armada nagusia han utziko zuten. Baina lehenik, britainiar tropen artean egon zitezkeen espioi turkiarrak deuseztatu behar zituen. Karta faltsu bat bidali zuen balizko turkiar espioi bati britainiarren alde egindako lana hitzez eta dirutan eskertuz. Aurreikusi bezala, turkiarrek gutuna bidean atzeman eta, beren espioi onena agente bikoitz bihurtu zela sinistuta, exekutatu egin zuten. Ondoren, oihalezko poltsa batean Gazari erasotzeko plan faltsua sartu zuen. Soldadu bat, poltsa hartuta, etsaien lerroetara hurbildu zen zaldiz. Tiroka hasi zitzaizkionean, aurrez zaldi-odolez zikindutako poltsa lurrera bota zuen eta, zauritu zutenaren plantak eginez, handik ihes egin zuen. Dokumentuen arabera, britainiarrek ez zioten Gazari azaroaren 14a baino lehen erasoko; egiaz, Beershebaren erasoari urriaren 31ko data jarria zioten.
Von Kressenstein jeneralak, turkiar armadaren komandante alemaniarrak, atzemandako paperak faltsuak izan zitezkeela susmatu omen zuen. Baina ezin zuen arrisku handiegirik hartu eta turkiar tropak Gazan atxikitzeko agindua eman zuen. Dena den, horrek ez zuen esan nahi Beersheba hustuta zegoenik; Meinertzhagenen planaren bigarren zatia abiarazteko ordua zen.
Harrapatutako soldadu turkiarrek itaunketetan bota zutenez, tabako eskasia zuten. Hala, urriaren 30ean, erasoaren bezperan, hegazkin britainiar batek Beershebako lubaki turkiarren gainetik hegan egin zuen eta zigarreta paketeak jaurti zizkien etsaiei, propaganda mezuak zituzten panfletoekin batera (hala, turkiarrek pentsatuko zuten zigarroak oparitzearen helburua propaganda egitea zela). Tabako bonbardaketa baino lehen, Meinertzhagenek opioa lortu zuen merkatu beltzean eta zigarretetan narkotikoa tabakoarekin nahasteko agindua eman zuen.
1917ko urriaren 31n, britainiar armadak, zenbait soldadu australiarren laguntzaz, Beershebari eraso zion eta berehala egiaztatu ahal izan zituzten Meinertzhagenen zigarreten efektuak; turkiarrak ez ziren posizioari eusteko gai izan, gehienak beren buruei zutik eusteko gai ere ez baitziren.
Tabako-zaparrada baino lehen, Egipto eta Palestinako indar britainiarren komandante buru Edmund Allenby jeneralak esan zuen Meinertzhagenen plana "denbora galtzea" zela. Ondoren, Palestina osoa hartzeko funtsezkoa izan zela aitortzea beste erremediorik ez zuen izan. | news |
argia-c11f8c959ff2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/xilaba-xiberoa-lapurdi-eta-baxenabarreko-bertsulari-xapelketa.html | Hamabortz gazte | Xan Alkhat | 2016-11-13 | Hamabortz gazte
"Zahar batentzat hamabortz gazte, heldu direla ondotik".
Mundutik partitu gabe, kontsolamendu hori zeukan Mattin Treku zenak, eta bere sortegunaren ehungarren urtemuga ospatzen dugun honetan, bere ametsak aitzina jarraikitzen duela jakin beza.
Ez zukeen orduan pentsatzen sekulan Iparraldean txapelketa bat antolatuko zenik. Ez zuen menturaz pentsatuko ere emazteak arituko zirenik kantuan eta gehiengoan ere saio batean. Ez zuen pentsatuko zazpi saio eta ehunka jende bilduko zirenik bertsoen entzuteko. Ez, amets bakarra zuen bertsoak luzaz iraunen zuela hemen eta zinez gazteek beraien erreleboa hartuko zutela. Alde horretatik, ez zen tronpatu.
Ez zuen Mattin zenak gogoan txapelketa, ez baitzen txapelketa gizona Mattin. Plaza gizona zen Treku jauna. Pentsatzekoa da, beraz, bertso hori kantatu zuenean, bertsulariak geroan izanen zirenaz gain, plazak ere beti beteak izanen zirela pentsatzen zuela, orduan, bertso saioak beste zerbait baitziren. Jendea plazetan eta herriko bestetan biltzen zen bertsolarien entzuteko. Bertsolariek sekulako arrakasta bazuten orduan eta anitz deituak ziren. Beste garai bat zen. Gaur egun, herri bakan batzuetan soilik antolatzen dira bertso saioak bestetan, Iparralde honetan diot, bistan dena. Ez da aspaldian horrelakoen antolatzeko ohiturarik eta hein batean galdu egin dela erran dezakegu. Pena da, baina sinetsi behar da gauzak aldatuko direla.
Xilabaz: zenbat buru...
Entzun, entzuten eta entzunen dira kritikak Xilabari buruz eta argi utzi nahi dut bakoitzak bere iritzia emaiteko eskubidea duela. Negatiboak edo positiboak, kritikek bederen gogoeta zerbait pizten dutelakoan beti.
Txapelketa egin behar dea? Hamabost bertsolari, aski dea? Gaiak aski ongi direa? Aurkezleak ontsa ari direa? Epaileek lan ona egiten dutea? Milaka galdera egin ditaizke eta eztabaida luzeak ukan ditzakegu baina zerbaitez segur naiz, ontsa ala gaizki eginik ere, Xilaba txapelketan urrunetik edo hurbiletik beren laguntza ekartzen duen orok, borondate handiz egiten duela. Borondate, maitasun eta sineste handiz.
Bakoitzak sinesten du gure hizkuntzaren alde joatea dela bertsolari txapelketaren antolatzea eta herri txiki bakoitzean ukan dugun elkartasun eta laguntza kartsuak horren froga nagusienak dira. Izan kostaldean, barnealdean, denetan harrera eta jarrera bikainak jaso ditu.
Hasiera ederra
Donibane Lohitzunen hasi zen aurtengo edizioa eta gogoan atxikitzekoa izan zen, dudarik gabe, kanporaketetatik ari zen Amets Arzallusen ondoan, Kerman Diaz eta Nahia Sasco gazteak agertu zirela lehen aldikoz oholtza gainean eta beren dohain handia erakutsi zutela. Lekukoa ez dute menturaz hain errazki utziko zaharrenek baina hasteko laguntza eman, emanen dute beti.
Muskildiko Posonpesenea gelan izan zen bigarren kanporaketaren hitzordua, urriko lehen egunean eta gelak ez zuen berotzeko denborarik galdu: burutik buru giro bikaina izan zen oholtza gainean eta aitzinean, Aitor Servierren lehen agurretik, Ortzi Idoateren azken agurrerat, Battitt Crouspeyrena ere ahantzi gabe.
Baigorri zen hirugarren habia Xilaba rentzat eta zer habia! Lehen finalerdi honetan, Plaza Xoko gelak beroturik, maila handiko saioa eskaini zuten sei bertsolariek. Sustrai Colina eta Odei Barroso sartu ziren orduan txapelketan eta Egoitz Zelaiak aitzina segitu.
Isturitzeko harpeetatik hurbil kokatu zen bigarren finalerdia. Arberuako jendea bertsozalea dela frogatua izan zen dudatzen zutenei. Tentsio doi bat nabari zen orduan, auzo herrikoa den Ramuntxo Christyk sorturik beharbada.
Ondoko asteburuan berriz, Aiziritzen, txapelketan kasik sekulan gertatu ez dena bizi izan genuen. Sei bertsolarietan, lau emazte kantari: Maddi Sarasua, Maddalen Arzallus, Nahia Sasco eta Miren Artetxe. Azken honek gogoan hartu zituen bere lehen agurrean garaian bertso kantari aritu ziren emazteak.
Azkenik, Larresoron bukatu ziren finalaurrekoak, herriko gela bete betean. Xumai Murua eta Eneritz Zabaletaren artean jokatu zen orduan finaleko azken txartela eta Xumairen alde izan zen aldi honetan.
Hara beraz, hamabortz ziren hastapenean eta sei baizik ez dira gelditzen: Sustrai, Amets, Odei, Miren, Maddalen eta Xumai.
Hamabortz gazte aritu dira kantuan aurtengo Xilaban, Xiberua, Lapurdi eta Baxenafarreko bertsolari txapelketan. Hamabortz gaztek sinetsi dute Xilabaren funtzioan, erran nahi baita bertsoari eta beraz euskarari merezi duen lekua eskaintzea Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan. Donibane Lohitzunen hasirik, Muskildin, Baigorrin, Isturitzen, Aiziritzen, Larresoron eta heldu den azaroaren 12an Baionan ibilia izanen da aurten Xilaba. Zazpi saio, ehunka entzule, hamarnaka epaile, gai egile, gai emaile, bertsolari eta laguntzaile bilduak izanen ditu V. edizio honek eta horretarako baizik ez bada ere, merezi izan du.
Nork daki, beharbada kantatzen ahalko dugu: "Gazte batentzat hamabortz gazte, heldu direla ondotik". | news |
argia-2d3f197dc07a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/magikoa.html | Magikoa | Montserrat Auzmendi del Solar | 2016-11-13 | Magikoa
Bilbao Arte Portua zikloak kalitatearen aldeko apustu garbia egin du, zalantzarik gabe. Halaxe frogatuta geratu zen bigarren emanaldian, non Vladimir Spivakovek eta Moscow Virtuosi, berak sortutako taldeak, txundituta utzi zituzten entzuleak. Alde negatiboan aipatu behar da, berriz ere, oso jende gutxi zegoela Euskalduna Jauregian, erdia baino gehiago hutsik baitzegoen.Pena ikaragarria, benetako zita berezia izan zelako. Antolatzaileek marketin estrategia aldatu beharko dute honi buelta emateko.
Goazen berriz musikara. Den-dena izan zen gustagarria. Bagenekien Moscow Virtuosi taldea fina, oso fina dela. Baina talde onak badaude han eta hemen. Kasu honetan plus bat dute: haien arteko komunikazio eta konplizitate ederra. Nabaria da musikariek disfrutatu egiten dutela jotzen, eta entzuleek parte hartzen dute gozamen horretan. Bestalde, Spivakov maisuak badu zuzentzeko modu "emozionala" esango nukeena. Bere jestualtasuna ez da ohikoa, bere keinuak ez dira betiko keinu teknikoak. Musikariek elkar ezagutzen dute eta zuzendariak keinu iradokitzaileak egiten ditu, besterik gabe.
Vivaldiren Biolin concertoa mi minorrekoa, RV 273 hasteko modu argitsua izan zen. Spivakov bakarlari gisa aritu zen eta agerian utzi zituen bere soinu haragitsua eta adierazkortasun aparta. Rossiniren 3. Sonata do maiorrekoa gardena eta ñabarduraz beterikoa iritsi zitzaigun, eta Bocherini-ren 4. Sinfonia re minorrekoa –La casa del diavolo– gozoa entzun genuen.
Bigarren zatia benetako oparia izan zen. Beti atsegina egiten zaigu Txaikovski-ren Sokarako Serenade do maiorrekoa, op. 48 famatua entzutea, baina Spivakoven bertsioa edertasunetik haratago doa. Pezzo in forma de sonatina lehenengo zatia, inongo gehiegikeriarik gabe, oso adierazkorra atera zen. Bigarrena, Tempo di valse, kapritxoso eta sentsuala. Finale txispadunak amaiera perfektua eman zion kontzertuari. Baina bereziki eskuzabala ageri zen Spivakov jauna. Lau propina distiratsu bota zituzten: Shostakovitxen bi pieza: Re minorreko preludioa eta Polka, taxuz; Brahms-en 5. Dantza hungariarra eta, azkenik, Astor Piazzolla-ren Libertango ederra, kontzertinoaren solo zirraragarri batekin. Bikain. | news |
argia-d59b76f8a935 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/egia-euskaraz-eta-gero-hernanin-eta-lasarte-orian.html | Nik euskaraz egingo dizut | Onintza Irureta Azkune | 2016-11-13 | Nik euskaraz egingo dizut
Ixiar Pagoaga Hernanin bizi da, Saioa Larruskain Lasarte-Orian. Lehenengoak Hernanin Euskara Ari Du egitasmoan hartu du parte eta bigarrenak Baietz 40 egun euskaraz erronkan. Egitasmoen izenak izen, biak gisa berean ibili dira astebetez: paparrean txapa jarri dute herrikideei adierazteko euskaraz egin nahi dutela eta egingo dutela. Sekula baino gehiago egin dute euskaraz eta sorpresa politak hartu dituzte.
Ixiar Pagoaga, "Denek esan didate euskaraz gehiagotan egiteko, eta nik baietz"
Zein bizipen utzi dizkizu astebeteko tarteak?
Atzo [urriaren 26an] egun oso polita eduki nuen. Ospakizun bat neukan eta 40 urtetik gorako hiru bikoterekin egon nintzen. Esan nien: "Badakit ikasten ari zaretela. Egingo dugu saiakera bat, lehenengo ordubetea gutxienez dena euskaraz? Pazientziarekin egingo dizuet, eta zuek erantzun ahal duzuen bezala". Ze esperientzia ona! Ez zen dendara joan eta erostea, bizitzako gaiak ateratzen ziren eta gainera atzerritarrak ziren batzuk, etorri berriak. Eta esan nuen, ostras!, askoz gehiago daukagu egitea. Eskertu egin zidaten, eta esan zidaten horrela egingo balu jende guztiak haien euskara maila hobea izango litzatekeela.
Hain polita ez den gertaerarik izan al duzu?
Denda batean gauza desatsegin bat ikusi nuen. 5 urteko umetxoak erdaraz egin zion bere amatxori eta dendariak "euskaraz!" esan zion era txarrean. Ez nintzen ausartu ezer esaten, baina amorrua eman zidan. Ez zitzaidan egokia iruditu. Goxo esanez gero denak balio du, baina agindu moduan, eta ume bati... ezta bere amari edo aitari ere.
Orokorrean esperientzia ona, beraz.
Sorpresa ona izan da. Mantso eta lasai joanda, eta jendeari ondo begiratuta, askoz ere gehiago saiatzen dira.
Zer esan nahi du "ondo begiratuta" ?
Bere aurrean jarri, eta keinuren bat egiten badizute ulertuko ez balute bezala, zuk esan: "Berriz esango dizut". Ez da esan behar, "euskaraz!", baizik eta "aupa, goazen!". Eta ondo begiratu, zeren beraiek egitea nahi dugu.
Euskaraz hasi eta gaztelaniara pasa beharra ere izango zenuen.
Lau ginen berriketan eta batek euskara gutxi daki. Ordubetera edo ikusi nion, ai, aurpegi bat... eta esan nion: "Mutil aldatuko dugu?" eta berak "Bai, mesedez". Momentu horiek ere politak dira. Eurek ere ikusten dute ni lasaiago ari naizela euskaraz. Denak euskaraz ari ginen eta bera batetik bestera begira, ikusten genuen gauzak galtzen zituela, eta momentu batean pentsatu genuen, "gehiegi da honentzat".
Horrelako probak ere balekoak dira?
Kristoren ahalegina da berarentzat ere, eta ikasten du. Den-dena euskaraz egiten baduzu, taldetik kentzen duzu. Adibide horretan bost hilabete geunden elkar ikusi gabe. Ospakizun baterako elkartu ginen, ezin nuen erabat kanpora atera. Gai da xinpleena jarraitzeko, baina momentu batean galdu egiten da. Neurtu behar dugula uste dut.
Zer utziko dizu astebete horrek?
Ondaretxo bat, berari begiratu eta esateko, entenditzen duzu? Bai? Bada aurrera. Justu zabiltza? Bada erantzun erdaraz. Baina nik euskaraz egingo dut.
Jendearen jarrera ona izan al da?
Bai, oso ona. Denek esan didate, "gehiagotan hau e!" eta nik, baietz baietz.
Malinkera hitz batzuk ikasi dituzu.
Kuriosoa gertatu zitzaidan ginear ama-alabekin. Umeari euskaraz egiten diot beti. Bere amak malinkeraz egiten dio, eta esan nion umearekin batera ikasi dezakeela euskara. Esan zidan badakiela esaten "egun on", "kaixo", "zer moduz". Esan nion hurrengo saioan nik euskaraz pixka bat gehiago egingo niola eta berak malinkeraz hitzak irakasteko. Haren hizkuntzari balorea eman nahi nion, gureari ematea gustatzen zaigun bezala. Harritu egin zuen nik malinkera ezagutu nahi izateak.
Saioa Larruskain, "Erronkari esker jendea armairutik atera da"
Saioa Larruskain lasarte-oriarra: "Orain arte gaztelaniaz egiten nien batzuei, agian hemendik aurrera euskaraz egingo diet... Ez, ez, horrela izango da, euskaraz egingo diet". Argazkia: Dani Blanco.
Nola joan da astea?
Oso esperientzia polita izan da. Adibidez, bizilagun batekin topatu naiz eta uste nuen ez zekiela euskaraz. Ikustea nola saiatzen ari den, nola euskaraz hitz egitea nahi duen, niretzat oso polita da. Komertzio edo denda txiki batera joan eta euskaraz egin dut. Lehen ere hala egiten nuen, baina orain txapa dauka paparrean jarrita, eta hori berria da, nahiz eta berak erdaraz erantzun. Lehen euskaraz egin eta gaztelaniaz erantzunez gero agian bigarren aldiz egingo zenion euskaraz, baina berriz gaztelaniaz erantzunez gero gaztelaniara pasako ginatekeen.
"Belarriprest" (berari euskaraz egitea nahi duela esan nahi du) txapak badu eraginkortasuna.
Txibatoa da, badakizu euskaraz nahi duela, mantsoago-edo baina hitz egiten diozu. Dendara zoaz, beti gaztelaniaz egiten duelako gaztelaniaz egin diozun langilearekin topo egiten duzu eta orain txapa darama, "belarriprest" da. Lehen ez zenekien arazoa zein zen, edo euskara maila oso baxua, edo ausardiarik ez zekiena euskaraz esateko, edo euskararekiko jarrera txarra ere izan zitekeen. Orain badakizu zuk berari euskaraz egitea nahi duela, eta berak euskaraz erantzungo dizu edo ez.
Erronka honi esker jendea armairutik atera da. "Belarriprest" [1.916] eta "ahobizi" [958 lagunek adierazi dute "ahobizi" txaparen bidez euskaraz egin nahi dutela] askok eman du izena. Euskaldunberri batzuek "ahobizi"en taldean eman dute izena. Gure txandan neska euskaldunberria zegoen eta "ahobizi" moduan eman du izena bere burua armairutik ateratzeko.
Abenduaren 3tik aurrera, alegia txapa kendutakoan zer?
Pertsonekin dauzkagun hizkuntza ohiturak aldatzea oso zaila da. Bizipen honek ohiturak aldatzea bultzatzea eragingo du. Orain arte gaztelaniaz egiten nien batzuei, agian hemendik aurrera euskaraz egingo diet... Ez, ez, horrela izango da, euskaraz egingo diet. | news |
argia-72a24112a343 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/hiriak-birpentsatzen.html | Hiriak birpentsatzen | Mikel Garcia Idiakez | 2016-11-13 | Hiriak birpentsatzen
Gure bizimoduan, bizi-kalitatean eta harremanetan eragin zuzena du hirigintzak, baina produkzioaren eta kapitalaren hiri-eredua eraiki dugu, eta falta zaigu gizartearentzako eta bizitzarako hiriak eraikitzea. Horretarako zein urrats eman behar ditugun galdetu diogu hainbat arkitektori. Teoriatik praktikara jauzi egin duten adibideak ere eman dizkigute.
Argi dute elkarrizketatuek: ikuspegi ekonomizista du oinarri egungo hirigintzak. Esaterako, Lurzoruaren Legeak lurjabeen eskubideak bermatzen dituela baina erabiltzaileen beharrak ez dituela maila berean jartzen ohartarazi dute Projekta taldeko Miren Vives eta Patxi Galarragak. "Azpiegitura eta ekipamenduen planifikazioa ere mundu produktiboaren beharretara egokitu da".
Turismoak hartu duen garrantzia tarteko, estetika moderno eta politaren izenean batzuetan kutsu artifizial eta homogeneoa gailendu da hirigintzan, nortasun propioaren kaltetan
"Ekonomia bultzatzeko elementutzat hartzen da Lurralde Antolakuntza –dio Unai Fernandez de Betoñok–, eta halaxe aitortzen da gainera, konplexurik gabe. Baina Lurralde Antolakuntzak beste irizpide batzuk ere hartu beharko lituzke kontuan, ingurumena, kultura zentzu zabalean eta ikuspegi soziala tarteko, hirien hazkunde zentzuduna bilatu beharko luke, ez soilik ekonomia berpiztea". Egungo ereduak hasieran metafora bat zena errealitate bihurtu duela azaldu du: Euskal Hiria. "EAEn hiru hiriburuak lotu nahi dituzte urbe handi bat eginez, Europa mailan lehiatzeko adina indar izateko, merkatu globalean muturra sartu eta inbertsioak erakarri ahal izateko. Kostaldean hiri lineal bat sortzen eta kolonizatzen ari gara Bilbo eta Donostia artean, AP-8aren inguruan (Lapurdiraino luzatzen dena), eta barnealdea husten ari da. Kostaldean populazioaren %60 bizi da, azalera askoz txikiagoa duen arren. Lurralde kohesioaren mesedetan, desoreka hori orekatzen saiatu beharko litzateke Lurralde Antolakuntza; demografia puntu bakarrean pilatzen ari bada, estrategia bat behar genuke hori mugatu eta beste leku batzuetan hazkundea sustatzeko".
Euskal Herria, Guggenheim efektuari segika
Egungo hirigintzaren gaitz nagusiez galdetu diogu Betoño gasteiztarrari eta Lurralde Antolakuntzan bezala, hirietan ere joera berdintsua dela azaldu digu: "Bilbo aspalditik dago sartuta internazionalizazioaren jokoan eta beste hiriak atzetik doaz, denok nahi dugu gure Guggenheim efektua sortu, turistak eta inbertsioa erakartzeko. Globalizazioa, Europan oro har, banalizazioa ekartzen ari da hirigintzan eta oso antzerakoak dira hiri guztiak, baina lortu beharko genuke hiri bakoitzak dituen berezitasunak mantentzea eta sustatzea, berezitasun horien artean aintzat hartuz hizkuntza, tokiko janaria, tokiko ezagutzak… Tentsio hori ematen ari da".
Desarrollismoaren eskema jarraitu dugu urte luzez eta orain
dagokigu konturatzea eraiki ditugun zenbait azpiegitura handi
ez ditugula %100ean erabiltzen. Irudian, Ficoba eraikina.
Guggenheim efektuaren atzetik, auditorio, hotel, museo eta azpiegitura handiekin liluratuta aritu dira gure agintariak, oparotasun garaian. 1998-2008 hamarkadan adreiluaren burbuilak berotuta asko eraiki ostean, ordea, krisi ekonomikoak mantsotu egin du erritmoa. "Lurraldea eraldatu behar da, ez gaitezen inozoak izan –dio Betoñok–, ezin dugu azpiegitura guztien aurka egon, baina oreka lortzea da gakoa. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak desarrollismoaren eskema jarraitu dute urte luzez eta orain dagokiguna da konturatzea eraiki ditugun zenbait azpiegitura handi ez ditugula %100ean erabiltzen eta gutxienez lehenengo urratsa dela horiek erabili arte berririk ez eraikitzea". Alegia, beste metro koadro bat urbanizatu aurretik, ondo aztertu zer gertatzen den jada urbanizatuta dagoen horretan. Beste saltoki, etxe, industrialde, aisi-gune, azpiegitura… bat aurreikusi baino lehen, birpentsatu eta berrerabili daukaguna. "Egungo eredua, eraiki eta eraiki, saihesbidea bete denean beste saihesbide bat egitea, epe luzerako begiradarik ez duen ihesaldia da, ez da jasangarria".
Berdin etxebizitzekin, udalen jardun kuttunetakoa baita etxegintza, ez alferrik udalen finantzazio iturri nagusiak zergak (batik bat ondasun higiezinen zerga, etxebizitzari lotuta) eta etxegintza bera baitira. Baina "etxe hutsak ditugun heinean (Euskal Herrian %10 inguru), zertan ari gara etxe berriak egitea planifikatzen?".
Hirietako erdiguneetan aldaketa sumatu du arkitekto gasteiztarrak: alde zaharren berezitasunaz konturatu eta horiek edertzen hasi gara, txukuntzen, mimatzen, arkitektonikoki politak jartzen eta zuten gainbeherari buelta ematen. Horrek, ordea, gentrifikazio mailakatua ere ekarri du batzuetan: alegia, alokairu, saltoki eta gainerakoen prezioa igotzen ari da guneotan eta jende askok alde egin behar izan du.
Hirigunea zaharberritzeko irizpideak ere ez dira beti egokienak izan. "Hainbatetan, dirua bertako ikastetxeak edota liburutegiak hobetzera bideratu ordez, eraikin ikusgarrietan gastatu da, edo eskailera mekanikoak museoak lotzeko jarri dira eta ez irisgarritasunaren ikuspegitik beharrezkoagoak ziren lekuetan, graffiti aldarrikatzaileak ezabatu dituzte eta udalak sustaturiko muralak hobetsi…". Turismoak hartu duen garrantziak badu zerikusirik, estetika moderno eta politaren izenean batzuetan kutsu artifizial eta homogeneoa gailendu baita hirigintzan, nortasun propioaren kaltetan.
Espazio publikoa, denon espazioa?
Administrazioak gestionatzen du kalea, denon espazioa, baina gehiengoaren ongizatea bilatuz egiten du ala batzuen interesen mesedetan? Sarri, sektore pribatua bereziki zaintzeko erabakiak hartzen ditu administrazioak, erantzun digu Betoñok: "Eta ez dago gaizki, baina ez bada beste guztion kaltean. Bilboko espazio publikoaren ordenantzan ikusten da: debekatuta dago kalean edatea, baldin eta ez baduzu edari hori taberna batean erosi; hor asmo garbia dago kalean egiten dena kapitalizatzeko eta sektore pribatuarekin, ostalaritzarekin, lotzeko. Gasteizen Patxi Lazcozek proposatu zuen, alkate zenean, Plaza Berria (euskal neoklasikoaren gailurretako bat) estaltzea, merkataritza-zentroa bailitzan funtzionatu zezan. Ostalaritzari gehiegizko babesa ematen zaio, terrazen fenomenoa lekuko. Eta zergatik debekatzen dira okupazio batzuk, baina uzten zaie turistei kalea nahieran erabiltzen? Gero eta handiagoa da espazio publikoaren pribatizazioa eta mugatu egin beharko litzateke". Hala ere, espazio publikoa administrazioak kudeatzearen aldekoa da arkitektoa, bestela botere ekonomikoak kalea are gehiago fagozitatuko lukeela iritzi baitio. Adibiderako, Madrilen Sol plazako metro geltokia Vodafone Sol izan da gutxira arte edo istiluak sortu ziren Gasteizko plaza batean, Heineken kartel erraldoi bat behin betiko jarri nahi izan zutenean.
Unai Fernandez de Betoño: "Ostalaritzari babes gehiegi ematen zaio, terrazen fenomenoa lekuko. Zergatik debekatzen dira okupazio batzuk, baina uzten zaie turistei kalea nahieran erabiltzen? Espazio publikoaren pribatizazioa gero eta handiagoa da"
Ezin aipatu gabe utzi, bestalde, gure hirigintza ereduan autoek eta merkataritza-guneek duten nagusitasuna. Diskurtsoa badakigula dio Betoñok, alde batetik bestera autoz mugitzera derrigortzen gaituzten urbanizazioen ordez hiri jarraiak behar ditugula, trinkoak, baina kontrakoa dela joera: Euskal Herriak geografikoki duen kokapen estrategikoa aprobetxatuz, errepideak egin eta egin ari gara, saihesbidearen saihesbideak, ekonomian pentsatuz. "Gertutasuneko hiriak aldarrikatu behar ditugu, lanera oinez joan ahal izateko modukoak. AEBetan hori sustatzen ari dira orain, eta New Urbanism deitzen diote, baina funtsean Europako hirigintza zaharra berreskuratzean datza".
Saltoki handien kasuan, merkataritza askearen ideia juridikoa arriskutsua dela azpimarratu du arkitektoak. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak gune hauek mugatzeko plana atera eta ondorioztatu zuen Donostiako Garbera ezin zela handitu, 25.000 metro koadro baino gehiago ezin zituelako izan, baina Garberak salaketa jarri zuen eta Madrilgo auzitegiak arrazoia eman zion, merkataritza-askatasuna ezin dela mugatu argudiatuta. "Ekonomian dena liberalizatzen dugun heinean, hirigintzari ere eragingo dio".
Egungo hiri ereduak ghettoak sortzen al dituen galdetuta, Euskal Herrian ghettoak batez ere 70eko hamarkadan sortu zirela argitu digu, industrializazioak erakarritako migrazioari lotuta periferian etxebizitza poligonoak jaio zirenean (Otxarkoaga, Bidebieta, Zaramaga, Baiona iparraldeko Gurutze Sainduko ZUP bloke erraldoiak…). "Urteekin, auzo hauek hobetu egin dira, nahiz eta soziologikoki neurri batean ghetto izaten jarraitzen duten; hala erakusten dute hizkuntza datuek".
Hartu parte: zer nahi duzu, farola gorria ala berdea?
Modako gaia da herritarren parte-hartzea, eta 2006ko EAEko Lurzoruaren Legeak adibidez jasotzen du kontzeptua, baina esaten du emaitza ez dela loteslea, ez du eragin zuzenik, "eta horretan sakondu beharko genuke, galdeketa eraginkorra izateko". Galdeketak eurak ere, itxurakeria dira sarri: "Emaitza jakinen gainean galdegiten zaie herritarrei, zein nahiago duzu, farola gorria ala berdea? Baina agian ez da farolarik behar! Edo kontsulta egiten da soilik administrazioari interesatzen zaionean, parte-hartzearen erabilera alderdikoia eginez: zergatik halakori buruzko galdeketa bai, eta bestelakoari buruz ez?".
Zeinentzat eta zeren arabera birmoldatu hiriak? Eta nola?
"Eraiki dugun hiri eredua lan-hiria da, produkzioaren eta kapitalaren hiria, eta falta zaigu gizartearentzako eta bizitzarako hiria eraikitzea, bizitzak eta zaintzak aintzat hartuko dituena", dio Hiria kolektiboko Koldo Telleriak. Projekta taldeko Miren Vives eta Patxi Galarragak gaineratu digutenez, hirigintza planetan jende asko ikusezina da eta a zer kasualitatea, beti jende bera da kanpoan gelditzen dena: "Estandar 'neutro' bat sortu da, etxetik kanpo lan egiten duena, autoz mugitzen dena leku batetik bestera, eta horren araberako hirigintza egiten da, kontuan izan gabe zaintzan dihardutenak, haur eta adinekoen beharrak, ezgaitasunen bat dutenena…".
Soluzioa, Vives eta Galarragarentzat, gainerakoak ere barnebilduko dituen hirigintza da: "Zenbat eta irizpide eta datu gehiago bildu, orduan eta orokorragoa izango da ikuspegia eta orduan eta jende gehiagoren beharrak izango ditugu mahai gainean aztergai; erantzuna beti izango da osoagoa eta pentsatuagoa, plan bizigarriagoak eta bidezkoagoak egin ahal izateko". Horregatik, hirigintzan arlo denak elkarlanean aritzea ezinbesteko jotzen dute: "Ongizate sailekoei eskatu ohi diegu muturra sartzeko Hirigintzan, 'ez geratu zuen esparruan', eta berdin Hirigintzakoei eurei ere, 'zabaldu ateak Berdintasun Sailari, Migraziokoari… Bestela beti jende bera geldituko da bazterrean". Projektak berak "hiri barneratzaile, aktibo eta osasuntsuak" lortzea du helburu, eta ez dira bakarrak. Horren lekuko, hirigintzaren ikuspegi kritikoa egiten duten behatoki metropolitarrak, diziplina anitzetako profesionalez osatuak. Hirigintza planetan komunitatearen parte-hartzea ongi bideratzeak ere, benetako parte-hartzea, erabaki sendoagoak bermatuko lituzke.
P. Galarraga, M. Vives: "Etxetik kanpo lan egin eta autoz mugitzen den estandar 'neutroaren' araberako hirigintza egiten da, kontuan hartu gabe zaintzan dihardutenak, haur eta adinekoen beharrak… Jende hori ikusarazteko, sailen arteko elkarlana behar da Hirigintzan"
Zentzuzko bizilekuak ereiteko irizpide batzuk
Zein gidalerro behar ditu lurralde plan batek? Hona Unai Fernandez de Betoñoren hainbat proposamen: balio ekologikoko gune babestuak elkarren artean egokiro lotu; balio kulturaleko guneak babestu, euskararen arnasgune geografikoak ahaztu gabe; nekazaritzarako, abeltzaintzarako eta basogintzarako lur egokienak babestu, elikadura eta energia burujabetza handiagoa helburu; herrietako alde zaharrak eraberritu eta auzoak zaharberritu; azpiegitura handien beharra errentagarritasun sozialaren arabera ere baloratu; gelditzen diren lur komunalen jabetza publikoa blindatu; etxebizitza zein industria-higiezinen espekulazioa gelditzeko mekanismoak indarrean jarri; merkataritza-gune erraldoiei 'aski da' esan; hiriburuen hazkunde amaigabeari mugak jarri; kostaldearen eta barnealdearen zein hiriaren eta landaren arteko lurralde-desorekak konpentsatu, nazio ikuspegia txertatu…
Teoriatik praktikara
INGURUMENA
Berdegune isolatuen ordez, korridore ekologikoak, naturari jarraikortasuna emango diotenak aldarrikatu dituzte elkarrizketatuek. Esaterako, Gasteizko eraztun berdearen adarrak, hirian barne-eraztun berdea sortuz. Animaliak, zuhaitzak… ez daitezela eremu bereizietan egon, hormigoiz inguratuta: parke solteak egin beharrean, parkeak elkartzea. "Naturatik kanpo dauden elementu gisa ulertu dira hiriak: hiriak ez dira natura, landa-lurra da natura. Eskema hori apurtu eta ekosistemaren parte diren elementu bizitzat hartu behar dira, hiria eta landa besarkatu daitezela", dio Koldo Telleriak. Biosferaren Erreserbak ere, kontzeptualki gutxienez, interesgarriak iruditzen zaizkio Unai Fernandez de Betoñori, ingurumenaz gain giza jarduera ere aintzat hartzen dutelako.
Energia kontsumoari begira, azpiegituretan erabiltzen den energiaren portzentaje bat berriztagarrietatik eratorria izatea derrigorrezkoa da; zenbat eta gehiago handitu portzentaje hori, orduan eta hobeto. Euri-ura, haizea, egurra, eguzkia... aprobetxatzen duten eraikin "adimentsuak" ere badira, hainbeste ur alferrik ez galtzeko komun idorrak erabiltzen dituztenak… Berokuntza eta garbiketa sistema kolektiboen alde egiten du Telleriak: "Zergatik ez garbigailu bat bloke osorako, etxe bakoitzak berea izan ordez?".
Trenbide ohia berdetuz Cali (Kolonbia) hirian egingo duten korridore berdea.
MUGIKORTASUNA
"Super-irlak" proiektua jarri dute martxan Bartzelonako bederatzi etxaditan: auzune horien barneko espazioan ezin da autorik sartu (karga eta deskargarako ez bada, auzunea inguratu baino ezin dute egin autoek) eta lasai asko ibili daitezke oinezkoak etxadian barna. Gure alde zaharretan sarri egin ohi dena beste etxadi edo auzoetara zabaltzea litzateke ideia, eta Gasteizen adibidez aztergai dute dagoeneko. Tankerako esperientzia baten berri eman digu Ander Gortazarrek: Freiburg hiri alemaniarreko Vauban auzoan , autoak ez daude debekatuta, baina kalean ezin da aparkatu eta etxebizitzek ez dute garajerik; autoak uzteko bi eraikin daude auzo alboan eta garraio publikoa –auzoko kale nagusitik igarotzen dena– beti dago autoa baino eskurago. Ondorioa: hirian auto-jabe gutxien dituen auzoa da eta kotxea partekatzeko car sharing programan bazkide gehien dituena. Aipatu digu, halaber, hiru urtetan hirigunetik autoak desagertzeko proiektua duela martxan Oslok; hogei urtetan autorik gabe bizi eta mugitu ahalko den hiria izateko plana garatzen ari direla Hanburgon; autobus sarea berrikusten eta berrasmatzen ari direla leku batean baino gehiagotan, "maiz duela 100 urteko hiriaren formari erantzuten baitiote oraindik"; eta hiri barruko autobideak eraisteko eskatzen duen mugimendu indartsua ari dela hedatzen AEBetan ( Highways to Boulevard ).
Hibridazioa bultzatzen duten herriez mintzatu zaigu Telleria: espaloiak eta errepideak, dena maila berean jarri, trafiko-seinaleak kendu eta herri guztian abiadura gehienez 20-30 km/ordura mugatuz, oinezko, txirrindulari eta gidarien arteko elkarbizitza, errespetua eta elkar-ulertzea lortu dute, garraioaren arabera espazioak banandu ordez. Herri txikietan bakarrik ez, hirietako auzoen barnean ere egin ahalko litzateke.
Herri eta hiri-ibilbideak bultzatzeko egitasmoak zabaltzen ari dira ( Hiribili ekimena aipatu digu Projektak). "Herri askotan futbol zelaia, igerilekua, gimnasioa… egiteko lekua izan dute, baina ezin da ibili! Ibiltzeko leku dezenteak egituratu behar dira, herria bera izan dadila jarduera fisikorako instalakuntza, denak ez baikoaz gimnasiora". Errepide eta kaleak oinezkoentzako bide bihurtzean, dena den, helburuak argi izatea komeni da, "sarri kalea merkantilizatzea baino ez delako asmoa, eremu hauek komertzioz eta terrazaz betez", ohartarazi du Telleriak.
Irisgarritasuna mugikortasunari lotuta ulertzen dute galdekatutako arkitektoek. Bat egiten dute denek: gertutasuneko hiria da gakoa, denok ahalik eta gutxien mugitu behar izatea eskatzen duen hiria; bizitokia, lana, aisia, saltokiak… hurbil izango dituena. Azken finean, herritar guztiok ditugu eta izango ditugu irisgarritasun maila ezberdinak, gure bizitzan zehar.
GENEROA
Leku ugaritan egin dira puntu beltzen mapak, herritar guztiak gizon helduak ez garela aintzat hartuz denak aske mugitu ahal izateko moduko kale seguruak bermatze aldera. Mapa moreak ere egin dira hainbat tokitan, emakumeak kontuan izango dituen hirigintza aztergai. Hiria kolektiboko Telleriak garbi du: "Egungo hirigintza rol maskulinoetara egokitzen da: mugikortasun azkarra eta handia, zaintzak lekurik ez duen hiria… eta horren aldean elkar-ezagutza eta elkar-zaintza sustatzen duten hiriak behar ditugu. Lan produktiboa eta lan erreproduktiboa, biak kontuan hartzea da gakoa". Bide horretan, hainbat ordenantza sartu ditu Projekta taldeak Irungo Plan Orokorrean: zaintzari lotuta, besteak beste hemendik aurrera eraikitzen den etxebizitza blokeak derrigorrez haur-kotxeak eta adinekoentzako scooterrak gordetzeko lokala izan beharko du, baita gutxienez 5 metro koadroko balkoia ere, etxea askorentzat lan-lekua delako, umeak edo adinekoak zaintzekoa ere bai, eta balkoiak arnasguneak dira. Ikuspegi feminista hirigintzan txertatzeko Punt 6 kolektibo katalanaren lana ere, gertutik jarraitzeko modukoa da.
IKUSPEGI SOZIALA
Auzo elkarteak oso tresna indartsuak izan daitezkeela dio Betoñok: periferian sortu ziren, arazo gehien zituztenak eurak zirelako, eta aldarrikapenak eginez lortutakoa ez da gutxi izan. Hala ere, Betoñok eta Telleriak nabarmendu digutenez, ghettoak saihesteko nahasketa da bidea: Babes Ofizialeko Etxebizitzak eta etxebizitza sozialak batera egiten dira denak, eta sarri lekurik txarrenetan; horren ordez, bloke berean adibidez planta bat etxebizitza soziala izan daiteke eta hurrengoa pribatua. Etxebizitza kooperatibak ere bizikidetzarako soluzio interesgarria izan daitezke (Bruselako Brutopia eta Batzelonako La Borda ekimenak aipatu dizkigu Gortazarrek). Ez bakarrik etxebizitzekin, nahasketa zenbat eta handiagoa izan eraikin eta azpiegitura guztietan, baita auzoaren/hiriaren beraren planteamenduan, orduan eta anitzagoa eta biziagoa izango da kalea. Aldiz, gaur egun dena eremuka dugu banatuta: lana egiteko industrialdeak, erosteko merkataritza-zentroa, aisialdirako gune itxiak…
Bestalde, lorategi eta baratze komunitarioen bidez –eta horien bueltan kultur eta hezkuntza espazioak antolatuz–, auzokideen arteko bizikidetza indartu duen Landahiri proiektua nabarmendu digu Projektako bikoteak, Colombes hiri frantziarrean.
Brutopia: etxebizitza kolektiboak Bruselan.
HIRI-BIZITZA
Denentzako kale seguruak ziurtatu behar ditugu, adin eta mota guztietako bizilagunak bilduko dituzten kale biziak, ibilbide eta eremuak ongi atonduz eta bankuak eta gisakoak hobetsiz, inguruko komunitatearen elkargune. Merkataritza gune handien aldean, auzoko komertzio txikia bultzatzea ezinbesteko ikusten dute elkarrizketatuek, eta kontsumo taldeak egiten ari diren lana azpimarratu dute, baita gero eta herri gehiagotan ugaritzen ari diren ortu komunalak ere. Badira, halaber, hirigintza kolaboratiboari edota autogestioari lotutako ekimen aipagarriak, bizilagunek eurek sustatu eta martxan jarriak, Errekaleor auzoa kasu.
KULTURA
Kultur areto gehienak barrualdera begiratzen dute eta itxi egiten dira kanporantz, "kaxa itxi eta isolatuak dira, kaleari ezer eskaintzen ez diotenak –uste du Telleriak–. Liburutegiak, kiroldegiak, kultur zentroak, anbulatorioak… ekipamendu publikoek kalearen jarraipena izan beharko lukete, irekiak, esaterako kristal bidez kanpoan daudenen eta barrukoen arteko elkar-zaintza eta segurtasun sentsazioa bermatuz edota patio baten bidez kalearekin bat eginez eta kultur eskaintza nolabait kalera zabalduz". Betoñok berriz, ondarea zaintzearen garrantzia gogoratu digu eta ondare industrialaren etsenplu bat jarri digu: Donostian, Tabakalera bota beharrean eraberritu egin dute, tabako fabrika kultur gune izatera igaro da. "Beste eztabaida bat litzateke zein arte eredu sustatzen den bertan…".
HEZKUNTZA
Ibilbide segurua eta planifikatua adostu, seinaleak jarri eta gero eta herri gehiagotan garatzen ari diren proiektua da: haurrak ikastetxera eskolakideekin joan daitezela, oinez eta taldean, herria deskubrituz, ingurua biziz eta gozatuz, txiki eta nagusiagoekin batera bidea autonomoki eginez, kalea eta kaleko oztopo eta plazerak euren gain hartuz.
Bestalde, hainbat herrik osatzen dute Oinherri Herri Hezitzaileen Sarea, denen artean haurren beharretan oinarritzen den eta horren arabera antolatzen den herria eraikitzea helburu (haurrentzat ona den herria, denentzat ona baita): umeekin elkarlanean eraldatutako jolas-parkeak eta guneak dira filosofia horren isla. Txikiark kolektiboak ere, haurren ikuspegia txertatzen du espazioetan, beraien parte-hartzea sustatuz.
HIZKUNTZA
Urteotan bereziki landu da hirigintzak hizkuntzarekin duen harremana. Horren lekuko, Lekarozen egin nahi duten proiektua : 341 biztanleko herrian golf zelaia, hotela eta 228 etxebizitza egitearen ondorio linguistikoak ebaluatu ditu Baztango Udalak eta aurreikusi du euskal hiztun komunitatean ondorio larriak izan ditzakeela. Non begiratu jakiteko, ispilu interesgarria da Gales: ingelesak lehenengo eta bigarren etxebizitzak masiboki ari dira bertan erosten eta horrek galesaren galerarekin harreman estua duela konturatuta, hizkuntzaren faktorea oso presente dute hirigintza proiektuetan. Pare bat auzo berri bertan behera utzi dituzte, kalte linguistikoa medio: "Muturreko soluzioa da hori –dio Betoñok–, baina neurri zuzentzaileak ere erabili daitezke: astiroago eraiki, harrera planak hobeto antolatu, hizkuntza eskolak sustatu…". | news |
argia-9663af520bde | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/boluntarioen-konpromisoa-ilusioa-eta-lan-eskerga-dira-anck-jendearengana-heltzeko-duen-gaitasunaren-gakoak.html | "Boluntarioen konpromisoa, ilusioa eta lan eskerga dira ANCk jendearengana heltzeko duen gaitasunaren gakoak" | Axier Lopez | 2016-11-13 | "Boluntarioen konpromisoa, ilusioa eta lan eskerga dira ANCk jendearengana heltzeko duen gaitasunaren gakoak"
Galdric Peñarroja (1980, Canet de Mar) Assemblea Nacional Catalanako (ANC) kidea da 2011n sortu zenetik. Idazkaritza Nazionaleko kidea izan da hiru urtez eta, argazkilari profesionala denez, komunikazio lanetan aritu izan da gehienbat. ANCren ikuspegi komunikatiboaren berri eman du azaroaren 10ean Donostian Iametzak, ARGIAk eta Ametzagaiñak antolatutako Euskarabildua jardunaldietan.
La revolució dels somriures (Irrien iraultza). Zergatik jarri diozu izen hori zure hitzaldiari?
Oinarri soziala duen egungo independentismoa azaltzeko erabiltzen den leloa da. Orain gutxira arte independentismoa frankismoaren aurkako borrokarekin, beste herri batzuetako mugimenduekin, eta abarrekin lotuta zegoen. Egungo mobilizazio independentistak oso familia girokoak dira, jendeak ondo pasatzen du, argazkietan barrez agertzen da. Hori da irrien iraultzaren jatorria.
Azpimarratzekoa da ANCren lan komunikatiboa. Zer ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Gure lan komunikatiboa estuki lotuta dago ANCk gizartean duen hedapenarekin, gure bazkide eta boluntario kopuru handiarekin, eta beraz, herritarrak mobilizatzeko gaitasunarekin.
Estatutuetan jasota dago izaera independenteari eusteko Assembleak ezin duela diru ekarpen publikorik jaso. Beraz, ANCk baliabide ekonomiko urriak dauzka, baina, kalitate zein kantitate aldetik, oso aberatsa da ANCren giza kapitala, eta horrek orekatzen du egoera. Beharrezkoa den leku eta egunetan informazio mahaia jartzen duen jubilatuak hartzen du parte, baina baita formakuntza handiko jendeak ere; beren jakinduria eta gaitasuna mugimenduari esku zabalik eskaintzen dizkioten kazetariek, ikus-entzunezko adituek… Horrek eragin du ANCk gain-dimentsioa edukitzea maila komunikatiboari dagokionez. Adibidez, irailaren 11ri begira urtero informazioa eta sustapen aurre-kanpaina zabala antolatzen dugu, material pilo bat sortu eta mugitzen dugu. Lan handi hori bere gain hartzeko prest dagoen jendetzari esker da posible, hori gabe ezinezkoa litzateke.
Komunikazioan bereziki indarra jartzeko apustu politikoa argia da.
Esate baterako, Diadaren harira egiten dugun jarraipen komunikatiboan –ez dauzkat datu zehatzak– egiatan balio ko lukeenaren %5a baino ez dugu gastatzen, lan horietan parte hartzen duen jendetza ikaragarria delako.
Sare sozialetan eragin handia dugu. ANCren Twitter (171.000 jarraitzaile) eta Facebook (177.000) kontuak Katalunian jarraitzaile gehien duten elkarteen artean daude. Boluntarioen lanari esker presentzia aktibo eta iraunkorra dugu herri askotan eta horrek ahalbidetu digu, adibidez, informazio kanpaina trinkoak egitea independentismoa ahulago dagoen zonaldeetan edota egunkari baten milioi erdi ale argitaratzea, banaketan sosik xahutu gabe.
Laburbilduz, boluntarioen konpromisoa, ilusioa eta lan eskerga dira ANCk jendearengana heltzeko duen gaitasun handiaren gakoak. Horrek berezi egin gaitu gainerako talde edo alderdi politikoen aldean.
Nola dago antolatuta hainbeste lagun?
ANCn era askotako jendea dago. Erakunde transbertsala da, bide demokratiko eta baketsuak erabiliz independentziaren alde dagoen orori irekia dago.
Lurralde mailan oso hedatuta dago. Kataluniako herri eta auzo gehienetan ANCren talde bat dago. Taldeak autonomoak dira egoki deritzen kanpaina abiatzeko. Hauteskunde bidez hautatuko 77 lagunek osatzen dute idazkaritza nazionala. Horiek gehi borondatezko zenbait kolaboratzailek komisioetan egiten dute lan: komunikazioa, mobilizazioa, harreman politikoak, nazioartea, eta abar. Arlokako asanbladak ere badira, horietan eremu zehatzak lantzen dira: independentziaren aldeko migratzaileak, langileak…
Nazio mailako ardurek urtebeteko hiru agintaldiko muga izan dute. Aurten bi urteko bi agintalditara luzatu da. Ordainpeko 20 langile dauzkagu, ANCren tamaina kontuan hartuta, gutxi dira.
Zeintzuk izan dira ANCren kanpainarik eraginkorrenak?
Ezbairik gabe, ekimen nagusia Diada da, nazio mailan eta nazioartean duen proiekzio handiagatik eta gure eskaera zehatzak irailaren 11ren bitartez jakinarazi ditugulako. Maiatzean hasten gara mobilizazioa antolatzen eta horren arabera prestatzen dugu Assemblearen urteroko lana.
Lehenago aipatutakoez gain, beste kanpaina indartsu batzuk ere egin ditugu. Esate baterako, Katalunian arazo handia daukagu RENFEren tren sarearekin. Oso inbertsio txikia du eta ia egunero arazoak sortzen dira. RENFEko geltokietan informazio banaketa masiboak egin ditugu estatu propio bat izateak arazo horri aurre egiteko eskaintzen dituen aukerak azaltzeko.
Via Catalana 400 kilometroko giza katea izan zen eta Gigafoto aren bitartez osorik irudikatu zuten.
Nola antolatzen da Europako manifestazio politikorik handiena?
Gogo handiz (barreak). Hori da azalpen posible bakarra. Mobilizazio erraldoia da eta jende askoren beharra du. 'Marroi' gehien duen koordinatzailetik hasita, suertatzen zaion tokian ur botilak banatzen dituen boluntariora arte, ardura handiz jokatzen du jende guztiak. Eta horrexegatik ateratzen da aurrera. Lan guztiak deszentralizatu eta unitate txikitan zatitzen dira funtzionamendua azkartu eta hobetzeko
Maila ekonomikoari dagokionez, adibide batekin azalduko dut. 2014ko Diadan guk diru gutxiago xahutu genuen Sociedad Civil Catalanak (independentziaren aurkako eta Espainiako batasunaren aldeko taldea) urte bereko urriaren 12an Plaza Catalunyan ehunka lagun besterik bildu zituen elkarretaratzean baino.
Eta, komunikazioari dagokionez?
Gure ikuspegia hau da: denak kontakizun eta mezu bana izan behar du, baina horrez gain, ondo erakutsi behar da. Eta egoki erakusteko ezinbestekoa da ziurtatzea hedabideek, datozen lekutik datozela, irudiak erraz har ditzaketela, ongi informa dezaten. Eta jakina, guk geuk ere gai izan behar dugu guk antolatutakoa ondo erakusteko. Horregatik irailaren 11 guztietan animaleko jarraipen informatibo propioa egiten dugu, argazki, bideo, sare sozial eta streaming bidez.
Adibide bat jarriko dizut. Diadetan nazioarteari begirako telebista emanaldi bat egiten dugu, irudiak moldatu gabe eskaintzen ditugu, Creative Commons lizentziapean, edonoren eskura jarriz. Horri esker, nazioarteko telebista guztiek erabiltzen dituzten irudiak guk grabatutakoak dira.
Berritasun teknikoei ere denbora eskaini diezue.
Formatu berritzaileak erabiltzen saiatzen gara, bai. 2013ko Via Catalana n Gigafoto egin genuen, 400 kilometroko giza katearen irudi erraldoi bat, 800 argazkilarik egindako 107.000 argazkiz osatua. 2014an Ortofotoa izan zen, Google Maps en tankerako airetiko argazkia. Eta 2015ean 360 gradutan grabatutako bideo bat, mobilizazioa puntatik puntara ikusteko aukera eman zuena.
Hain formatu handiak erabiltzeko arrazoi nagusietako bat izan da, Gigafoto aren kasuari erreparatuz, ibilbide osoan zehar jendea egon zedin bermatzea, lagunik gabeko tarterik ez geratzeko. Metroz metro kateari argazkiak egin izanak ahalbidetu zuen argazkia egingo zuen norbait eta argazkian agertzeko baten bat egotea beti ibilbideko tarte guztietan. Hala munduari erakutsi genion Via Catalana hasieratik amaierara arte jendez mukuru zegoela.
Sei hilabete aurre-produkzioan, 45 minutuko lana in situ, eta postprodukziorako beste sei hilabete behar izan genituen Gigafoto a osatzeko.
Azken Diadaren harira 360 gradutan egindako bideoa
ikasturte politiko hau erabakigarria izango da erreferendumaren iragarpena dela eta. Zein izango da ANCren ekarpena?
Aurten badugu inoiz gertatu gabeko zerbait: Parlamentuan gehiengo independentista, oso helburu argiak dituen bide-orri independentista garatzeko prest dagoena.
Estatuko erasoaldia askoz zuzenagoa eta sinpleagoa izaten ari da. Batetik, gustuko ez duten Kataluniako lege oro indargabetzen ari dira, zezenak torturatu eta hiltzeko debekua edo berdintasuna legea; askotarikoak dira indargabetutakoak. Bestetik, erasoaldi judiziala dago. Generalitateko presidente ohia, zinegotziak eta Parlamenteko presidente Carme Forcadell inputatu dituzte. Forcadell epaitu nahi dute herritarrok boza ematen uzteagatik. Hori bezalako astakerien bitartez Espainiako Estatua bera bilakatu da independentziaren aldeko pedagogia lan onenaren egile.
Orain gutxira arte Assemblearen lana izan da Generalitateari eta Kataluniako ordezkari publikoei independentziara heltzeko eskaerak egitea, prozesua abiatzea edo erreferenduma egikaritzea kasu. Parlamentuan gehiengo independentista lortu ostean, egun ANCk laguntzaile rola hartu du bere gain; bide-orri independentistatik eratorritako ekimenei babesa ematen die, eta era berean, Espainiako Konstituzio Auzitegiak indargabetutako legeen aurrean salaketa publikoa egiten du, baita inputatutako hautetsi publikoak babestu ere.
Bost urte "historiko" bizi ostean zein da independentismoaren sentsazio orokorra?
"Puxika independentista husten ari da" lehen segundotik kobazulo mediatikoa barreiatzen aritu den ideia da. Salvame Deluxe ren estiloa du beren diskurtsoak. "Hau izugarri gaizki dago", "Diada honek ez du ezertarako balio izan, "gero eta gutxiago dira"… eta horrelakoak. Zorionez, baldar xamarrak dira. Egin kontu, 13TVkoak izan ziren Via Catalana arrakastatsua izan zela berretsi zutenak. Bi helikoptero alokatu zituzten giza katea jendez betetzeko zailagoak omen ziren tarteak airetik grabatzeko. Hutsunearen bila joan ziren eta azkenerako, arrakastaren kanpoko-egiaztapen bilakatu ziren.
Errealitatea ez da adore falta, kontua da independentzia berehala deklaratzea nahi dugula. Orokorrean jendeari gustatuko litzaioke hau dena dagoeneko konponduta egotea. Azken batean, "arazo" honen erroa oso sinplea da: bozkatu eta erabaki ahal izatea. Orain dela hiruzpalau urte manifestazio masiboek 'subidoia' eragin zuten, eta "hau egina dago" askoren buruan geratu zen, baina prozesua ez da uste genuen bezain azkarra izan.
Alde baikorra da prozesua bilakaera izaten ari dela. Ez dago geldirik, ezta atzera egiten ere, jakina. Urtez urte bidea argitzen ari da. Gainera, prozesua bera luzatu izanak ere lagundu du Espainiako Gobernuaren jarrera egoskor eta ez-demokratikoa agerian uzten. Prozesuaren arrakastari hauspoa eman dio.
Egun zerumugan egiazko galdeketa lotesle bat agertzen zaigu. Norabide egokian ari gara. | news |
argia-ea9b79e4312d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/irakurleak-galdezka.html | Irakurleak galdezka | Jakoba Errekondo | 2016-11-13 | Irakurleak galdezka
Kaixo. Kotxinilla zuriaren izurriterako tabakoarekin tratamendua egitea aholkatzen duzu. Zigarro edo puruekin egin daiteke, edo belarra behar du izan? Zer proportziotan? Eta bukatzeko: amona mantangorrien larbak erosi ditut, entzun baitut kotxinilla eta zomorro txikiak jaten dituztela. Tabako belarraren tratamendua martxan jartzen badut egokia da mantangorriak zabaltzea? Mila esker.
Karlos Larrañegi (Zarautz)
Kaixo Karlos. Nikotina da tratamendurako erabiliko duguna. Beraz, aipatzen dituzun horietako edozein egokia da, zigarro, puru edo belar. Gaur egun hain hedatua den "liatzeko" tabakoarekin egitea oso erraza da. Hau da nire ustez formula eraginkorrena: litro erdi bat alkohol eta beste hainbeste ur nahastu eta 100 gramo tabako sartu. Hamabost bat egunez beratzen utzi. 100 gramo xaboi neutro gogor birrindu eta hamar litro uretan urtu. Tabako ura eta xaboi ura nahastu.
Deskuiduan intsektuak izurrite bilakatu badira, zuzenean nahasketa horrekin tratatu. Erasoari izurrite esaterik ez bada, tratatzeko erantsi beste hogei litro ur. Intsektuak ez baditu garbitzen, landareak ondo garbitu arte astero tratatu.
Nikotinak intsektu guztiei erasotzen die, baina batez ere harrei, azal ahulena dutenei. Beraz, mantangorrien harrak tratamenduak egin ondoren zabaltzea hobe litzateke. | news |
argia-bd9e18306e21 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/arabako-patronala-kexu-eta-mehatxuka-gasteizko-zerga-igoera-dela-eta.html | Arabako patronala kexu eta mehatxuka, Gasteizko zerga igoera dela-eta | Arabako Alea | 2016-11-02 | Arabako patronala kexu eta mehatxuka, Gasteizko zerga igoera dela-eta
Ekonomiaren Jarduerarako Zerga %1,93 ordaindu behar izatea enpresen "sinesgarritasunaren aurkako erasoa" da, SEAren arabera. Gasteizko Udalarekin harremanak apurtuko dituela ohartarazi du.
SEA Arabako enpresariak erakundeak gogor kritikatu du Gasteizko Udalak Ekonomia Jardueraren Zerga (EJZ) %1,93 igotzeko hartu duen erabakia. Arabako Enpresariak erakundearen lehendakari Pascal Gomezek gaur goizean egindako agerraldian udalarekin harremanak apurtzeko mehatxua egin du, 2015ean EAJ, PP eta PSE udal taldeekin sinatu zuen akordio betetzen ez bada.
Akordio horrek 2015-16-17 hirurtekoan EJZ-ren koefizientearen zenbatekoa zehazten zuen eta orain udalak onartu duen hitzarmena "gure erakundeen kaudimena eta sinesgarritasun ekonomikoaren aurkako erasoa" dela uste du SEAk.
Aurreko urriaren 28an Udal-Gobernuak, EH Bildu eta Irabazirekin adostu zuen moduan, hurrengo ekitaldian milioi bat eurotik gora fakturatzen duten enpresek ere ordaindu behar izango dute zerga hau; orain arte, fakturazio-muga bi milioi eurotan zegoen. Horrez gain, zerga kalkulatzeko koefizientea igotzea adostu dute; 1,14tik 1,93ra.
Neurri honen eraginez, "500 lanpostu galduko dira eta 3.000 enpresei eragingo die", ohartarazi du Gomezek. Aurretik adostutako akordioa bete ezean, udalarekin harremanak apurtu behar izango dituela adierazi du Arabako Enpresariak erakundearen lehendakariak.
Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra | news |
argia-719999c72033 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/basalandareak.html | Zapaltzen duguna ere jangarria da | Irati Sarasua Arabaolaza | 2016-11-13 | Zapaltzen duguna ere jangarria da
Euskal Herrian 100 klase landare jangarri baino gehiago ditugu, eskura, eta dohainik. Clara Gutierrez eta Leire Albisu adituen eskutik bildu ditugu eta platererako prestatu. Malba, borraja, osinak eta plantaina dira erreportaje honetako protagonista nagusiak.
Basalandarez eginiko platerak egitea da gure helburua. Horretarako Zumaiara jo dugu, bertan egin baitugu Clara Gutierrez eta Leire Albisurekin hitzordua. Biak dira basalandareetan adituak. Gutierrezek eskainitako ikastaro batean ezagutu zuten elkar eta geroztik basalandareei buruz dakitena elkarri kontatzen diote. Gutierrezek Zumaian duen lursail txiki batera joan gara, eta bertan eman dizkigute landareei buruzko azalpen guztiak. Argazkilariak eta biok harriduraz begiratu diogu elkarri zapaltzen ari garena jangarria dela esan digutenean.
"Hau dohainik da, ulertezina da ondoan dugun hori, bere garaian erabiltzen zena gainera, gaur egun ez jatea", esan digu Gutierrezek. Euskal Herrian 100 klase landare jangarri baino gehiago daude, eta gure orografia eta klimari esker eremu askotan eta urte osoan zehar aurkitu litezke, bereziki neguan. Gainontzeko urtaroetan ere gure paisaiaren parte dira, baina udaberrian, adibidez, lorea ateratzen zaie hainbati, eta orduan ezin da landare horien hostoa jan. "Pribilegiatuak gara eta ez gara konturatzen", gaineratu du Albisuk.
Sukalde onenetako berrikuntza
Euskal Herrian, punta-puntako sukaldaritzan ere ekin diote basalandareak txertatzeari, Martin Berasategi eta Andoni Aduriz horren adibide dira. Eta Gutierrezek hori kontatzearekin batera harro esan digu herritarrak harrituta geratzen direla gure lurretako landare gorrotatuenetako batzuk zer diren eta zertarako balio duten jakitean: "Txinako landareen bila ibiltzen dira eta zapaltzen ari denaz ez daki jendeak". Bere plateretan beti dago basalandare bat, edozein jakiren laguntzaile izan litekeela dio, baita jaki nagusi ere. Nutrizio handiko elikagaiak direla aldarrikatzen du, eta horrexegatik erabiltzen ditu egunero: "Adurizek hartu du fama, baina oraindik ez du erabili litekeen guztia erabiltzen". Italiarrek guk baino askoz ere gehiago erabiltzen dutela azaldu digute, adibidez.
"Bertako sukaldariak landareak euren plateretan sartzera animatzen ari naiz. Baina horretarako nekazariek dituzten landareak saldu behar dituzte, ohitura sortu behar dugu. Landare hauek baserritarrari bere kabuz ateratzen zaizkio, ez du lanik egin behar. Beste modu batera begiratu behar zaie, orain arte traba zena, aberastasun iturri bihurtu behar dugu, horixe delako", dio Gutierrezek.
Bost minutuan saskia beteta
Saskia betetzeari ekin diogu; plantaina, malba, borraja eta osinak sartu ditugu barruan. Lursail txiki batera joan bagara ere, landarez beteta topatu dugu, eta berehala bete dugu saskia. Ikusi bezain pronto jakin dute landare bakoitza zein den, baina kontu handiz ibili beharra dago. Naturalki ateratzen diren landareak dira basalandareak, eta gure lursailak basalandarez josita egon dira beti; guztiak dira sendabelarrak, baina ez dira guztiak jangarriak. Onddoekin edota perretxikoekin gertatzen den moduan, kasu honetan ere, adituekin hitz egin behar dela azaldu digute, antz handia duten landareen artean pozoitsuak eta jangarriak egon litezkeelako, eta batzuk hilgarriak ere badirelako.
"Basalandareen munduan murgildu nahiko banu, osinetik edo malbatik hasiko nintzateke, plantaina ere jendeak ezagutzen du. Ezin da ezagutzen ez duzun bakar bat ere hartu, zalantzarik baduzu utzi dagoen lekuan", argi dio Gutierrezek. Batzuk oso erraz nahastu litezke eta horregatik arriskuaren berri eman behar da haren aburuz. Baina nabarmendu dute landare bakoitzak usain ezberdina duela, eta toxikoak diren gehienek usain txarra dutela. "Haurrek usaimen ona izaten dute landareentzat, berehala jakiten dute zein den ona eta zein ez. Txikitan nor ez da ibili landareak probatzen?", esan du Gutierrezek irribarretsu. Gero, adinean aurrera joan ahala, urrundu egiten garela dio, baina berriro itzultzeko unea heldu dela aldarrikatu du: "Basalandareei buruz informazio asko zuten garai bateko herritarrek, galtzen joan gara, eta orain berreskuratzeari ekin behar diogu, interesa zabaltzen hasi da pixkanaka".
Plantainaz, malbaz eta osinez lepo
Plantaina Euskal Herrian oso ezaguna dela azaldu digute, sendabelar gisa asko erabiltzen dela, erabilera gutxi galdu dela zentzu horretan. Landareak, sendatzeko edo jateko dugun erabilera ohituran ezberdintasun handia ikusten du Albisuk: "Herri guztietan dago sendabelarrei buruz dakien norbait, eta horrek pixkanaka berreskuratzen laguntzen du, baina jakiena ahaztuago dago".
Malba asko ateratzen da berez. Lehen Zumaia malbaz beteta zegoela gogoratu dute, baina azken bost urteetatik hona zaila dela aurkitzea. Bat utziz gero, oso erraz zabaltzen dela diote, baina guztiak kendu dituztela azken urteotan. Ez dute kentzearen arrazoia ulertzen, eta esan digute eurei izugarri gustatzen zaiela: "Oso barazki ona da, proteina asko ditu eta C bitamina ere bai".
Azkenik, gure inguruan ezaguna den, baina haren ezaugarriei buruz gutxi dakigun osinaz hitz egin digute. "Ez gara ohartzen zer altxorra den", esan digute biek, elkarri arrazoia emanaz. Beste lurralde batzuetan udan hil egiten da, hemen izugarri pila dugu, eta sendagarria da. Gutierrezek infusioak egiteko ere erabiltzen du.
Saskia beteta eta azalpenak jasota, autoa hartu eta Aiara joan gara, Albisuren etxera (ogi ere egiten duten Goiabe baserrira). Bertan Asier Bastarrika, Albisuren bikotekidea, sukaldean topatu dugu. Mahaian guztia prest du, lanerako: perretxikoak, sagardoa, olibak, arrautzak, zartaginak, platerak… Lau plater egingo dituztela esan digute iritsi bezain pronto. Hartutako landareak eta etxean dituzten perretxikoak arrautzarekin nahastuko dituzte, osinak eta borrajak tenpuran egin, eta plantaina eta olibekin patea egingo dute.
Errazak, goxoak eta azkar egitekoak
Leire Albisu osinak tenpuran egiten.
"Ikusiko duzue zein erraz eta azkar egiten ditugun gaurko plater guztiak", iragarri digu Gutierrezek. Hasteko, irina eta sagardoaren tenpurarekin osinak prestatuko dituzte.
Lehenik, sagardoa bota du platerera, eta krepe testura lortzeko irinarekin nahastu du. Lodiera egokia duen jakiteko, hosto bat sartu eta estaltzen den ikusi behar da; estali egin behar da, baina ez da oso lodi gelditu behar. Likidoak hotza egon behar du eta burbuilak izan behar ditu, horregatik aukeratu dute gaurkoan sagardoa. Behin tenpuran pasatuta, olio oso berotan frijitu, gatz pittin bat bota eta jateko prest dago.
Tenpura berarekin egin dituzte borrajak ere, modu berean. Gorputzeko toxikoak desagertzeko ona omen da. "Toxikomanoek desintoxikazio prozesuan erabiltzen dute, buruko mina ere kentzen du, parranda edo bazkari handi baten ostean izugarria da, eta borraja askotan erabiltzen da ohiko medikuntzan". Gutierrezek dio borrajarekin eginiko salda ohikoa dela bere menuan, eta oilasko zaporea duela, askotan esan omen diote hori.
Patea ere egingo dute. Oliba beltzak, plantaina, baratxuri bat eta olio pittin bat jarri dituzte mahai gainean. Plantaina bakarrik jatea ez omen zaio jende askori gustatzen, zapore gogorregia duelako edo, baina azeitunarekin mundu guztiari gustatzen zaiola esan digu Gutierrezek: "Ez dut gustatu ez zaion inor ezagutzen, agian zuek zarete lehenengoak!". Irudia ere oso ederra da, kasu honetan azeituna beltza erabili duenez, iluna geratu da, baina berdearekin are ikusgarriagoa dela esan digu, eta etxean egitera animatu gaitu. Irabiagailutik pasatu du guztia, eta denei eskaini aurretik, ogi zatitxoetan jarri. Amaitzeko, erabili ez ditugun landareak eta Bastarrikak etxean zituen perretxikoak arrautzarekin nahastu dituzte.
Elkarrizketa amaituta, eginiko lana dastatu aurretik, argazkilariaren parean jarri dira hiru protagonistak, irribarretsu, eginiko lanaz harro: "Gure desio edo nahia basalandareei buruz dagoen jakituria zabaltzea da, eta jendeak, mundu honetan sartu eta inguruan duguna baloratzea".
Jakien itxurarekin ere harritu gaituzte. Dastatzeko ordua heldu da, eta mahaiaren bueltan eserita, landare bakoitzaren zapore bereziarekin solasaldi goxoan amaitu dugu eguna.
Errezetak
OSINA / BORRAJA TENPURAN
Osagaiak:
Olioa, sagardoa (burbuilak dituen edari bat), irina eta osin edo borraja hostoa.
Urratsak:
- Uretatik pasa.
- Sagardo hotza irinarekin nahastu.
- Hostoa sartu, eta erabat estaltzen ez badu irin gehiago bota sagardoari.
- Olio oso berotan frijitu.
- Gatza bota.
PATEA
Osagaiak:
Olibak, baratxuria, olioa eta plantaina.
Urratsak:
- Guztia irabiagailutik pasatu.
- Ogian zabaldu. | news |
argia-07d281ed86fd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/ezpeldoiren-kasua.html | Ezpeldoiren kasua | Jakoba Errekondo | 2016-11-13 | Ezpeldoiren kasua
Amaia Ezpeldoi nola hilko dugun barrundatzen dugun artean, ea ezpelak (Buxus sempervirens) nola salbatu asmatzen dugun. Txinatik Alemaniara ekarri eta handik Europa osora hedatu dugun harrak (Cydalima perspectalis) mendietako eta etxeetako ezpel guztiak garbituko dituen itxura guztia du, izurrite petral alaena! Gauez baino ibiltzen ez den sits zurizta da, eta umetan har berde-beltz handi samarra, 3-4 zentimetrokoa, erraz ikusteko modukoa.
Landarearen zati guri guztiak jaten ditu harrak, eta gizen-gizen egin denean, armiarma-sare tankerako batean bildu eta krisalida sortzen du, gero sits bihurtzeko. Negua igarotzeko, 0,5-1 zentimetroko har ttikiek bi ezpel hosto sendo josten dituzte hariz. Udaberriarekin hazi, eta lehen sits belaunaldia ekarriko dute. Bi edo hiru belaunaldi izango dira urtean, urte eta toki epeletan baita lau ere. Txikizioaren emana edo, gure lagunaren amak esaten duen bezala, txikizio desdetxa!
Ezpela kulturaren paisaiaren oinarri den lurraldeetan txikizio hori izugarria da. Paisaia antzematen dugunean landare bat ez ikustea gauza bat da, baina landare hori kultura baten oinarrietako bat bada triskantzari odola dario. Ezpelik ezean, nola egingo dituzte Ezkurran tomateetarako makilak? Aita Oizkoa duen lagun batek hala zioen lehengo astean, kontu honen berri eman nionean: "Ordun, kisulabek berpizten hasi nahi ta ere, nekez beteko ttiu ezpelez...".
Gure ezpelaren kulturaren paisaiaren odol jario hori eteteko harra akabatu behar: Bacilus thuringiensis -ekin tratamendua eginez, ur soilez bustitzeak ere garbitzen omen du... Geuk hasi beharko dugu, txoriek ez baitituzte har horiek jaten. Ezpelak badu pozoi tankerako bat, eta, agidanean, ezpela besterik jan ez duen harra ez dute mokoratu nahi. Amaia Ezpeldoi hil beharrean lanean jarri beharko dugu kasu honetan ere... | news |
argia-54872c284a0a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/xabier-landabidea-telebista-ohituren-ikertzailea.html | "Susmoa dut gure aukeren azpitik jokatzen ari garela, herri bezala eta norbanako bezala" | Danele Sarriugarte Mochales | 2016-11-13 | "Susmoa dut gure aukeren azpitik jokatzen ari garela, herri bezala eta norbanako bezala"
Txinan, norbait gorroto baduzu, garai interesgarriak bizi ditzala opatzen diozu. Garai zailak, alegia. Komunikazioaren arloan dabil Xabier Landabidea, ikertzen eta saltsan, eta badaki halako sasoi batean gaudela gu, sasoi ezinezko batean. Hala ere, etsipenik ez du sentitzen; aitzitik, parte hartzeko, gauzak probatzeko eta jendearekin egoteko urrezko aroa iruditzen zaio.
Zenbat saltsatan sartuta zaude?
Gaur egun oso zaila da gauzak bereiztea… Ikerlaria eta irakaslea naiz unibertsitatean, baina, gero, irrati libre batean hartzen dut parte. Printzipioz, bi gauza horiek ez daukate zerikusirik, baina, gero, lanetik ezagutzen duzun norbait eramaten duzu irratira, edo alderantziz. Orduan, neuk ere ez dakit zenbat saltsatan nabilen, baina oso pozik nago gaur egun egin daitezkeen gauza guztiekin nagoen lekuan.
Gauza konkretu batetik abiatuko gara orduan. Telebistari buruzko doktore-tesia egin duzu.
Ikus-entzunezkoen komunikazioa ikasi nuen EHUn. Gero master bat egin nuen komunikazioarekin lotuta eta doktoregoa egiteko aukera sortu zitzaidan Deustun, Aisiazko Ikaskuntzen Institutuan. Gaia aukeratzerakoan, nire obsesioarekin jarraitu nuen, iruditzen zaidalako gaur egun gure aisia egituratzeko moldeei buruz hitz egiten badugu, ezinbestean hitz egin behar dugula komunikabideei buruz, eta komunikabideei buruz hitz egiterakoan, erdigunean dagoela telebista. Duela 7-8 urte hasi nintzen eta oso momentu interesgarria zen, telebista zalantzan zegoelako: internet zetorren, mugak lausotzen ari ziren, eta guk sumatzen genuen aldaketak gertatuko zirela. Aldi berean, hortxe jarraitzen zuen telebistak, familiak bezala, gizarte-instituzio nagusi.
Zer jakin nahi zenuen, zehazki?
Halako ikuspegi antropologiko batetik, interesatzen zitzaidan jendeari galdetzea oso gauza erraz bat: zer da telebista zuretzat? Hartu nituen Bizkaiko leku eta bizitza-garai oso ezberdinetan zeuden pertsonak, taldetan batu, eta halako galdera tontoak egiten hasi nintzen. Mundu guztiak daki zer den telebista, sukaldean edo egongelan dagoen zera hori, baina juntatzen dituzu 7-8 lagun, eta taldean berehala berotzen garenez, gure iritzia eman nahi dugu eta segituan pizten dira eztabaidak.
Ikuspegi antropologikoa aipatu duzu. Zer-nolako marko teorikoren arabera ikertu zenuen?
Niri garai hartan asko interesatzen zitzaidan grounded theory (teoria funtsatua) delako korrontea: aurretik finkatuta ditugun kategoria batzuetatik abiatu beharrean, utz diezaiogun jendeari hitz egin dezan, eta goazen teoria eraikitzera hortik aurrera. Zu joan zaitezke zure ikuspegiarekin eta zure goiko begiradarekin, telebistak ergeltzen duela eta abar, baina horrek ez dizu askorik balio jendearen erabilerak benetan ulertzeko. Jendearekin hitz eginda, adibidez, konturatzen zinen askorentzat oasi bat zela telebista. Horrek hobeto esplikatu dezake zergatik kontsumitzen dugun telebista kontsumitzen dugun bezala.
Nola kontsumitzen dugu bada?
Nire hipotesiak eta nire emaitzek islatzen zuten telebistak tolesdura asko dituela, ez dela beti gauza bera. Hala ere, solasaldietan behin eta berriro agertzen ziren kategoria hauek: deskonektatzea, erlaxatzea, atseden hartzea, ez pentsatzea… Horixe eskaintzen digu telebistak: ez dut liburu bat aukeratu nahi, ez dut telesail bat deskargatu nahi, nahi dut gailua piztu eta norbaitek zerbait eskaintzea. Zentzu horretan, nahiz eta sekulako aldaketa teknologikoak gertatu, telebistak sekulako indarra dauka oraindik, oso merkea delako eta oso erraz kontsumitzen delako, eta horrek izugarrizko indarra dauka gure gaur eguneko bizi-baldintzetan.
"ETB ez da izango Telecinco bezain sexista eta zabarra, baina hor
ari da jokatzen"
Eta telebista ikertzen duen pertsona batek nola ikusten du telebista?
Bada, gutxi ikusten dut, asko sufritzen dut-eta. Hamaika Telebistaren zale handia naiz, badakit oso minoritarioa dela, gainera euskaraz, eta oso modu prekarioan ari direla lanean, baina asko gustatzen zait, iruditzen baitzait arakatzen ari direla eta saiatzen ari direla bide batzuk zabaltzen euskal telebistagintzan, azkura eragiten diguten gizarte-gai batzuk azaleratuz.
Zerekin sufritzen duzu?
Telebista normatiboagoarekin, batez ere ETBrekin. Oso hurbiletik sentitzen dut min hori: egin den ahalegina eta gero, instituzionalizazio maila handi batera heldu ostean, zer ereduri jarraitzen ari zaion eta zertarako erabiltzen ari garen 1.000 lagun enplegatzen dituen irrati-telebista publikoa, oso mingarria zait hori.
Zure ikuspegitik, zer arazo ditu ETBk?
Bi problema nagusi ikusten dizkiot. Batetik, une batean hautatu zen publizitatearen bidez ko-finantzatzea irrati-telebista publikoaren eredua, eta erabakiaz eztabaida genezake, baina kontua da, une batetik aurrera, publizitatearen sarrerek sekulako garrantzia hartu zutela.
Bestetik, audientzien joko konkretu batean erori da bete-betean, eta ez daukagu euskal ikus-entzunezkoen audientzia neurtzeko paradigma/parametro propiorik. Dagoenarekin jokatzen dugu eta, horretan, pastelaren zati gero eta txikiagoa jasotzen dugu, eraldaketa oso sakon batzuk gertatzen ari direlako.
Noren erritmoan ari da dantzan?
Azken batean, ETBk hurbildu nahi du Espainiako kate pribatu arrakastatsuek sustatzen duten eredura. Hori problema bat da ideologikoki, uste baitut ez genuela horretarako sortu komunikazio-egitura publiko bat, eta problema bat da negozio-ereduaren ikuspegitik, ez dutelako lortzen eta ez dutelako lortuko. ETBk ez du lortuko Telecincok edo La Sextak daukan potentzia komunikatiboa, haiek hobeto egingo dutelako; guk, azkenean, egingo dugu haien kopia nolabait gaingabetu, nolabait euskaltzale, nolabait sozialki onargarriago bat, kakotx guztiak jarrita. Ez gara izango Telecinco bezain sexistak eta zabarrak, baina hor ari gara jokatzen. Eremu gris batean geratzen gara eta nire ustez ez da batere interesgarria, eta gainera, ez du funtzionatzen. Leire Palaciosek Maite Iturbe zuzendariari egin zion elkarrizketan nabarmen agertu zen eusteko sentsazioa erakutsi nahian dabiltzala, baina beherakadan doaz, beren funtzio publikoa galduta, eta, okerrago iruditzen zaidana, ez dira ausartzen gaur egun irrati-telebista publiko batek eduki beharko lukeen funtzioa berrasmatzera.
Zein izan beharko litzateke irrati-telebista publiko baten funtzioa?
Bada ez dakit, baina nik uste dut funtzio klasikoa berreskuratu beharko genukeela, Ilustrazioaren balore horiek: entretenimendua, informazioa eta formakuntza. Baina, gaur egun, ekosistema guztiz aldatu da. Adibidez, lehen, telebistak albisteak eman behar zituen, telebistak ematen zuenean jotzen zen albistea benetakotzat. Gaur egun hori zalantzan dago, orduan esango nuke telebistaren erritmoa birpentsatu beharko genukeela, eta funtzio publikoa duen telebistari beste patxada bat eman, astekariaren ideiarekin lotuta: zergatik ez ditugu aurreko asteko gaiak lantzen, edo testuinguratze-lan bat egiten… Justu kontrakoan ari gara, ordea.
Argazkia: Dani Blanco.
Laborategien garrantzia azpimarratu izan duzu.
Hiru laborategi behar ditugu. Edukien laborategi bat: Hamaika eta tokiko telebistak badira, eta ETBko zenbait eduki ere bai. Audientzien laborategiak ere behar ditugu: 400 audimetro dauzkagu EAEn, horien bidez neurtu eta ezagutu ote ditzakegu egoera soziolinguistiko oso ezberdinetan bizi diren bi milioi pertsonaren ohiturak eta praktikak? Badakigu ezetz. Orduan akaso behar ditugu beste hurbilketa batzuk, beste neurketa gureago batzuk… Eta hirugarrena, maila politikoan, beste laborategi edo prozesu parte-hartzaile bat behar dugu, nahi dugun eta gure ondoren datozenek urte batzuk barru behar izango duten irrati-telebista publikoa zelakoa izan behar den pentsatzeko. Nik uste dut hortik doala alternatiba: pentsa dezagun eta egin dezagun eta pentsatzeko egin dezagun.
Deustuko Unibertsitatean zabiltza irakasle.
Bai, eta oso pozik nago. Ea, unibertsitateak oso egitura mediebalak dira, oso konplexuak eta oso ez-eraginkorrak, erakunde asko bezala. Momentu honetan, eraso neoliberal oso gogor baten aurrean daude, etengabe frogatu behar dute beren bikaintasun maila parametro konkretu batzuen arabera, eta etengabeko lehia dago, ez horrenbeste ikertzeko, baizik eta aldizkari jakin batzuetan artikuluak argitaratzeko. Hala ere, unibertsitateak badu parte erromantiko hori ere, ezagutzarekin eta ideiekin lan egiten du, ikasleekin kontaktuan gaude, ikasleak etengabe dira gazteak, gu zahartu arren… Oso estimulantea da.
Nola eragiten dizue irakasleei eraso neoliberal horrek?
Asko etsitzen nau presak, egin, egin eta egin behar horrek: jende asko ari da antsietate-bajak hartzen, sekulako presioa dago, asteburuetan denok egiten dugu lan, iluntzeetan denok egiten dugu lan… Xabier Gantzarainek hauxe esan zuen artean lan egiteaz, eta gurean ere halako zerbait gertatzen da: onartzen duzu gustatu egiten zaizula eta horregatik egiten duzula, baina esplotazio-karga nabarmen bat dauka. Gainera, uste dut areagotzen ari dela joera.
Zer iruditzen zaizu Deustuko Unibertsitatea?
ETBri ikusten dizkiodan kontraesanak ikusten dizkiot Deusturi ere: besteen parametroen arabera dihardu eta etengabe galtzen du; ez du pentsatzen ea zer-nolako ekarpena egin beharko lukeen gureagoak edo gureak liratekeen parametroetatik. Gure benetako helburua al da, adibidez, ingelesezko aldizkari batean argitaratzea, berdin izanda zeri buruz idazten dugun, ala Euskal Herriarekin lotutako gaiei buruz aritu beharko ginateke? Ikertzaileak bultzatu behar ditugu nazioarteko tesiak ingelesez aurkeztera ala euskarazko tesiak aurkezteko plan bat izan beharko genuke, jakinda inportantea dela ezagutza hizkuntza propioetan zabaltzea eta guk bakarrik egin dezakegula hori, euskal unibertsitate bezala?
Nola lotzen dira ikerketa eta pasioa?
Zeuk benetan egin nahi dituzun gauzak egiteko beste bide batzuk aurkitu behar dituzu, unibertsitateak diru-iturriak behar baititu, eta bezeroak markatzen dizu, nolabait, zertan ikertu dezakezun eta nola. Neu juntatu naiz neuk bezala gauzak egin nahi zituztenekin, kasu honetan Gorka Salces eta Koldo Diaz Bizkarguenagarekin, eta egitura inprobablea sortu genuen: Errota Digitala. Koldo Mondragon Unibertsitatean zebilen, Gorka EHUn eta ni Deustun. Geure unibertsitateek baimena noiz emateko zain egon gabe, erabaki genuen elkartea sortzea gauzak egin ahal izateko. Behin elkartea sortuta, unibertsitateak ondo hartzen du. Alderantziz, baimena eskatuz gero, zailagoa da.
Zirrikituak bilatu behar dira, aurkitzen dituzunean errekonozitu, eta noizbehinka zuk zeuk eragin zirrikitu horiek. Ez du sekulako kolpea izan behar, baina batzuetan bultzada batekin posible da arrakalak zabaltzea. Zeren, bestela, elefanteak eramaten zaitu beti.
Izango garelako garela dio zure Twitterreko biografiak. Azalduko al zeniguke zer esan nahi duen horrek?
Beñat Irasuegirekin konpartitzen dut lema hori, etorkizunaren nostalgia. Honatx nire baikortasunaren gakoa: aukerak hor daude, errekonozitu ditugunak eta oraindik errekonozitzeko dauzkagunak. Ez dakit zer izango garen, baina nik uste dut ausartu beharko ginatekeela irudikatzera zer izan nahi genukeen, eta hortik aurrera abiatu, gure lan-lekuetatik eta militantzia-lekuetatik eraiki, eta gozatu dezagun bide horretan.
Azken hausnarketarik?
Susmoa dut gure aukeren azpitik jokatzen ari garela, herri bezala eta norbanako bezala. Zentzu objektibo batean hitz eginda, garai ezinezko batean bizi gara, tresna eta aukera ia-ia infinituak dauzkagu informatzeko, jendearekin harremanetan jartzeko, ezagutzeko… Eta nola kudeatzen dugu hori? Bada, aurrez ezagutzen ditugun erreferentzietara biltzen gara. Uste dut apur bat alferrak garela. Horrekin ez dut egin nahi halako diskurtso bat, super pasiboak garela eta denok gaudela super alienatuta. Lehen pertsonan ari naiz: uste dut gauzak egiteko aukera askoz gehiago daudela, norabide askotan, benetan egiten ditugunak baino. | news |
argia-13735e867684 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/txinatarrak-londres-erromatarrean.html | Txinatarrak Londres erromatarrean | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-11-13 | Txinatarrak Londres erromatarrean
Londresko Museoko ikerlari talde batek II. mendeko hilerri zahar bateko 22 gizakiren arrastoak aztertu ditu eta, eskeletoen morfologiari erreparatuta, horietako bi asiarrak, ziurrenik txinatarrak, zirela ondorioztatu dute.
Antzinako Txina eta Erroma harremanetan zeuden, bi potentziek elkarren berri zuten eta kontsumo-ondasunak trukatzen zituzten, baina horren froga arkeologikoak oso urriak dira eta maiz eztabaidatu izan dira. Londiniumen (irudian), inperioaren mendebaldeko muturrean, Ekialde Urruneko biztanleak topatu izanak zalantzak uxa ditzake. Hala ere, ikerlariek zuhurtziaz jokatu nahi dute ADN proben emaitzak jaso bitartean. | news |
argia-78d015623abd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/sormena-zigorturik.html | Sormena zigorturik | Xabier Mendiguren Elizegi | 2016-11-13 | Sormena zigorturik
Urte honen hasieran azaldu zen albistea komunikabideetan, Espainiako hainbat idazle edadeturi Gizarte Segurantzak beren pentsioa itzultzeko eskatzen ziela, liburuen salmentatik dirutxo bat eskuratzen jarraitzen zutenez, erretiroa kobratzeko eskubiderik ez zeukatelakoan. Galdetzen hasi, eta denak bat zetozen hura zorakeria bat zela, jubilazioko dirua lan-bizitza osoan kotizatutakoaren ordain bidezkoa delako, eta sormenak (gizarte osoari onura dakarkion jarduera izaki) beste tratamendu bat behar duelakoan. Bitxikeriatzat hartu zen hemen berria, espainol burugabeen xelebrekeria urrun bat zelakoan edo. Baina Hego Euskal Herrian Espainiaren eskumena dira pentsioak (inolaz ere transferitu nahi ez dutena, gainera) eta haren menpe gaude beraz, Hegoaldeko langile guztiok. Baita era bateko edo besteko sormen-lanetan aritzen garenok ere.
Oraindik ez dakigu zertan amaituko den afera. Baina miatuak eta kaltetuak ez gara idazleak bakarrik. Orain dela gutxi bertsolari batekin egin nuen topo, Seguritate Sozialak bijilatuta dauzkala esan zidan, plazetan agertzen baziren, pentsioa kentzeko arriskuarekin
Garai berean gertatu zen (komunikabideetan zabaldu ez zen arren), hainbat euskal idazleri gutun bana iritsi zitzaien, Iruñeko Gizarte Segurantzako inspektore batek bidalita, era guztietako paperak eskatuz: azken bost urteetako faktura guztiak, errenta aitorpenak, autonomoetako kotizazioak, BEZ aitorpenak eta beste. Paper horiek guztiak bildu eta halako egunetan halako ordutan Iruñeko bere bulegoan agertzeko exijitzen zien, ez-dakit-zer zigorren mehatxupean.
Idazle horiek dardarka eta ezer ulertu ezinik: zer gertatzen da? Zergatik eskatzen didate niri hau? Gerora jakin zuten Iruñeko Hizkuntza Eskolako diru-kontu guztiak ari zirela miatzen, eta, bertan hitzaldi bat emana zutenez, inspektoreak eskatzen zien, ia denak langile soldatadunak izan arren, beren lantokiko kotizazioaz aparte, langile autonomoetan alta eman eta ordaindu egin behar zutela, idazletzatik diru-sarrera bat zutenez gero. Berdin zitzaion diru-sarrera horiek autonomoetako kuota baino txikiagoak izatea, hori ez omen zen bere arazoa.
Oraindik ez dakigu zertan amaituko den afera. Baina miatuak eta kaltetuak ez gara idazleak bakarrik. Orain dela gutxi bertsolari batekin egin nuen topo. Urte batzuk bai, baina oraindik ere sasoian eta argi dagoena. Aspaldian kantuan ez dudala ikusi komentatu, eta Seguritate Sozialak bijilatuta dauzkala esan zidan, plazetan agertzen baziren, pentsioa kentzeko arriskuarekin.
Adin batetik gorako bertsolari guztiak isiltasunera behartuak; idazleak hitzaldirik eman ezinik, egundoko isunen beldurrez; beste sektore batzuetan auskalo… Horra, porrotaren zorian dagoen Espainiako Gizarte Segurantzaren ekarpena euskal kulturari. | news |
argia-e02eabbc329e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/montserrat-carulla-kataluniaren-amatxia.html | "Antzerkiari esker ireki zitzaizkidan, emakume gisa, munduaren ateak" | Saioa Baleztena | 2016-11-13 | "Antzerkiari esker ireki zitzaizkidan, emakume gisa, munduaren ateak"
Frankismoaren urterik gogorrenetan eman zituen lehen urratsak antzerkigintzan Montserrat Carulla eskarmentudun "aktore, katalan eta independentistak" (1930, Bartzelona). Gaur egun, 86 urte bete berri, erretiroan pentsatzetik urruti, argi du memoria galtzen ez duen bitartean agertokietan izango duela bigarren etxea.
Antzerkigintzan lehen urratsak frankismoaren erdian, 40ko hamarkadan eman zenituen. Nola hasi zen dena?
Txikia nintzela ama zenarekin joan nintzen Betty Boopen pelikula bat ikustera eta etxera itzuli nintzenean imitatu nuen lehen aldiz. Ama zenak ongi egiten nuela esan zidan eta nik sinetsi. Gerora, antzerkigintzan eman nituen nire lehen urratsak, Gabonetan Katalunian ohikoak diren Pastorets antzezpenetan, zehazki.
Kulturara sarbidea orduan ez zen hala-moduzkoa. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Gabezia asko eta gose handia pasatu genuen... Nire aita kontzentrazio esparru batean egon zen lehendabizi eta Model presondegian gero, nire amak seme-alabak aurrera ateratzeko suertatzen zen aukera orotan lan egiten zuen bitartean.
Testuinguru horretan, lortu zenuen antzerkigintza ikasketak hastea.
Ikasketak egin ahal izateko lanean aritu nintzen lurrin denda batean, lehenik, eta farmazia eskolan gero. Antzerkigintza maite nuen eta Institut del Teatre-n izena ematea erabaki nuen, nire amatxik dirua lortzeko eman zizkidan urrezko belarritakoak saldu ondoren. Han eman nituen nire lehendabiziko urratsak profesionalki. Egia esan, antzerkiari esker ireki zitzaizkidan emakume gisa munduaren ateak, emakume izatea arazoa zen sasoi hartan.
Estreinaldia egin zenuenetik 70 urte igaro diren arren agertokietan jarraitzen duzu. Erretiratzeko asmorik baduzu?
Duela urtebete erabaki nuen antzerkia uztea. Antzerkia egiteko memoria eta burua behar bezala izan behar dituzu. Eta iritsi zen une bat non ikusi nuen zuzeneko orok dakarren segurtasun faltak nire lanean eragiten zuela. Orduz geroztik telebistarako lanak egiten ditut bakarrik, hori bai, memoriak laguntzen didan bitartean lanean jarraituko dut.
Uste duzu adineko emakumeek ez duzuela nahikoa aitorpenik?
Emakumeok orokorrean ez dugu errekonozimendurik. Emakume askok bezala nik ere askotan sartu dut hanka, gauza onak eta txarrak egin ditut. Aurrera egiteko borrokatu dut, batez ere, egindakoaz harro. Garrantzitsuena baita gauean ohera heldu, burua bururdian jarri eta lasai bizitzea.
60ko hamarkadan, inor banantzen ez zenean, dibortziatu egin zinen.
Gizarteak ezkontza hausteaz izan zuen erantzunaz harago profesionalki ere eragin zidan. Nire senar ohia TVE telebista kateko zuzendariaren laguna zen, eta banandu ginenean ni ez kontratatzeko agindua eman zuen. Gogorra izan zen, ordurako nik lau seme-alaba nituelako eta antzerkitik kanpoko lanak egiten hasi nintzen. Zorionez gerora beste lagun baten bitartez agindua altxatu zuten eta lana berreskuratu ahal izan nuen.
Adinak beldurtzen zaitu?
Inolaz ere ez. Askotan galdetzen didate zein den bizitzako adinik hoberena, eta zorionez, ezin dut erantzun, guztiak izan baitira paregabeak. Noski, gauza onak eta txarrak bizi izan ditut, baina harro nago nire bizitzaren gidoian egin dudan antzezpen oroz.
Sant Jordi gurutzea, Generalitataren urrezko domina eta Gaudí d'Honor sariak jaso dituzu. Zein izan da garrantzitsuena zuretzat?
Denak. Agian, garrantzitsuena Gaudía izan zen, ez zelako erakundeen saria, ofizioko lagunen aitorpena baizik. Baina sari horien gainetik dut jendeak, kalean, han eta hemen, erakusten didan estimua. Oso estimatua sentitzen naiz eta hori da ordainsaririk garrantzitsuena niretzat.
Solas egin dezagun politikaz. Nola bizi duzu Kataluniako prozesua?
Nahiko kezkatuta nago, goi ordokikoak gure kontra armatzen ari direlako beste behin. Ez dute etenik. Eta argi gelditu dadila ez naizela Espainiako biztanleez ari, baizik eta botereaz. Espainiako Gobernuak bertako legeak, hizkuntza eta aginduak inposatu nahi ditu, eta ez du onartzen Katalunia nazioa dela eta nazio orok duela bere estatua izateko eskubidea. Bitartean, Katalunia odolusten ari da eta independentzia lortu arte ez du erabateko askatasuna izango.
Zuk ezagutuko al duzu Katalunia independentea?
[Barrez] Beti esan izan dut ez dudala hil nahi ezagutu gabe. Baina ez didate erraz jartzen. Osasuntsu nago eta erresistentziarik ez zait falta, baina urteak badoaz… Hala ere ez dut itxaropena galtzen. Tira, agian ez dut ezagutuko, baina zoriontsu joango naiz haziren bat edo beste utzi dudalako, behintzat. | news |
argia-e37c8dd8e180 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/ur-tanta-geldoetan.html | Ur-tanta geldoetan | Jose Inazio Basterretxea | 2016-11-13 | Ur-tanta geldoetan
Presoak nahi ditu Urliak etxean. Inork barkamena eskatuko ote dion jakin gura du Sandiak. Kolkoari galdetu dio Berendiak ez ote duen txantxangorriak berriz ere abestu behar.
Luzatze geldoak ez du leuntzen mina, inorena. Baina, tema hor da, bake-prozesuaren geldotasunean. Arazoa da atzerapenarekin datozela ETAren armak. Bost urte badira-eta su-etenetik hona. Eta lantresnak bizkarrean dituzte oraindik.
Arazoa da estatu-aparatuak ez dakiela moldatzen tirorik gabeko egoerara: ez du hark nahikoa garaipena, anikilazioa bilatzen du, politika militar frankista zaharrenean bezala.
Mantso eta otso
Isilik izan da ETA hilabetetan, bere oskolean bilduta. Bat-batean, uharkara azaldutako tangada ero gisa, agiria ekarri du udagoienaren etorrerarekin batera: behinolako martiriak –bereak baino ez– gogorarazteko, irailaren hogeita zazpian. Bizirik dela konturatu gara, ikusi dugu iturri horrek baduela ur-emaria, ahaztuta geneukan arren. Burua jaso, iritzia eman aldarri, eta otzandu egin da neguko kasernetara.
Denboraldi batez, isilik izan da Espainiako Barne ministro denak deitoratua. Baina, delako "banda terrorista" esnatu dela eta, hark komunikatua idatzi duela eta, egunkarietako azaletaraino heldu dela eta, berak –ministro jaunak– zerbait egin behar duela eta, Parisko zuloa desegin dute.
Hor laboratu dira orpoz orpo polizia frantsesak eta espainolak telebista kamerei so eta beha. Nabarmendu beharra, besteren protagonismoa neutralizatu guran.
San Simon eta San Juda egunez, ETAren komunikatua, beste bat, esateko ezen alde batera utzita zeukatela eurek Frantzian aurkitutako zuloa. Bazekitela eurek lokalizaturik zutela poliziek hura, eta ez zirela aspaldi hara hurbiltzen. Eta hurrengo, zer?
Bizi eta jauzi
Kontatu didatenez, Deba arroan bada erreka bat, deitzen zaiona Kilimon. Burua jaso eta hura makurtu ibiltzen da mendian behera, kukuka: gutxien espero denean, han eta hemen gordetzen, edo hor eta han azaleratzen. Eta hortik, haren sona. Inoiz ur gutxi, baina beti fama handi.
Aspaldion, Kilimon errekako tanta iheskorren gisara, gorde-gordeka dabiltza ETA eta Espainiako Barne ministerioa: goizetan lehor eta arrastietan emankor. Zergatik burua ostentzen eta zergatik azaltzen duten... ez da erraz asmatzen.
Baina, ez da ezkutaketan olgatzeko unea. Une honetan –armak entregatu beharreko abagune honetan, presoak etxeratzeko ibilaldi luze honetan, eta bakearen bidea diseinatu eta kudeatzeko garai zail honetan–, ibai zindoagoa behar dugu. Bestela, ez du txantxangorriak berriz ere abestuko erreka-muna gainean. | news |
argia-11c1d75ddf53 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/eajren-abstentzioa-gakoa-izan-da-aznarrek-irakeko-gerran-izaniko-paper-gezurtia-ez-ikertzeko.html | EAJren abstentzioa gakoa izan da Aznarrek Irakeko gerran izaniko paper gezurtia ez ikertzeko | Iosu Alberdi Atxurra | 2016-11-03 | EAJren abstentzioa gakoa izan da Aznarrek Irakeko gerran izaniko paper gezurtia ez ikertzeko
2003an hasitako Irakeko gerran Jose Maria Aznarren gobernuak izan zuen papera ikertzeko batzordea eratzea ez da aurrera atera Espainiako Kongresuan. ERC eta PSOEk bultzatako ikerketa eskaera ez zen aurrera atera asteazkenean Kanpo Gaien Batzordean, PP eta Ciudadanosen ezezkoekin botoetan berdinketa zegoelako. EAJ abstenitu egin zen, Aitor Esteban azalpenik eman gabe ez baitzen saiora agertu.
ERCk Kanpo Gaien Batzordean babesturiko eskaeraren helburua bederatzi hilabeteren buruan Espainiako Estatuak Irakeko gerran izaniko papera, eginiko gastu militarrak eta mugitutako tropak zenbat izan ziren argitzea da.
Batzordean hiru aldiz bozkatu zen proposamena, hiruetan hemezortzina berdinduz. ERC, PSOE, Podemos eta PDC alderdien aldeko botoak izan dituzte eta PP, Ciudadanos eta UPNren aurkakoak. EAJko ordezkari Aitor Esteban ez zen batzordera agertu. Aldekoek EAJren babesa espero zuten arren, absentziak eskaerak aurrera ez egitea ahalbidetu zuen. Hala azaldu du El Punt Avui k bere webgunean .
Britainia Handian Chilcot txostena egin zuten estatuak izaniko papera ikertzeko. Ikerketa kaleratzearekin batera orduko lehen ministro Toni Blairrek barkamena eskatu zuen "esaniko gezurrengatik eta tropen jokaerengatik".
ERCk defendatu duenez Aznarrek ere barkamena eskatu beharko luke gerran eta ondorengo berreraikitzean izaniko papera justifikatzeko esandako gezurrengatik. Aznarrek Irak suntsipen handiko armen jabe izatearekin arrazoitu zuen inbasioa, baina inoiz ez da halakorik egiaztatu. Gudak milioi erdi edo milioi bat heriotza inguru eragin zituen ikerketa desberdinen arabera eta milaka pertsona desplazatzera behartu.
ERC eta PSOEk gaia lantzen jarraituko dutela aurreratu dute, alderdi guztiek ongi azter dezaten.
Aznarren hitzak Irakeko suntsipen handiko armen inguruan: | news |
argia-c480f1599034 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/hegoak-astinduz.html | Hegoak astinduz | Igor Estankona | 2016-11-13 | Hegoak astinduz
Stephane Mallarmek (Paris, 1842–Valvins, 1898) ezinezko ahapaldia, ezinezko liburua, iristerik ez zegoen obra idatzi zuen. Orain Josu Landak itzuli du inposibilitate hori guztia, edo hobe, haren lagin bat, perfekziotik gertuen egon den poetaren ahotsa gerturatuz. Ekarri ere errimarekin ekarri du gainera, Munduko Poesia Kaieretarako Miguel Hernandez itzuli zuen modu-moduan. Emaitza ederra otu zaigu: "Nornahi bakar estiran/ zisne eta kai ezean/ zaharkituaren miran/ nire so ezerezean".
Mallarme irakurriz ematen du irakurtzen ari garela denboraren dekantazioa hitzetan. Batzuetan eternitatearekin dago obsesionatua, Edgar Allan Poeren hilarriari kantatzen dionean legez, eta beste batzuetan harrapatu nahi luke momentu bat, tximeleta baten hegada labur-laburrean kabitu araziz: "Lepo finez zisneak, gladiolo gorrikara,/ erbesteko arimen jainko erramu orria/ gori nola goiz-alba presatuen ikara/ serafinen behatza bezain hori-gorria".
Mallarme obra gorenen poeta bat izan zen, hizkuntzaren ikertzaile, erritmoaren legeetan sinesten zuen klasiko handietako bat. Horregatik askotan daude bere poemak opera handietako agertokietan legez kartoi-harrizko marko onirikoetan kokatuak, ortu santuetan, gauerdietan, saloietan ibiliko zara liburu honetan zehar. Eskapismoak daroa exotikora, ametsera: "Errubiez ereinda larrutzen duen duda/ zuzi babesle eta alaiaren modura".
Norberarengan hitz solteek sorrarazten duten oihartzuna da poemaren osotasuna bezain garrantzitsua. Misteriozko paisaietan gertatzen diren gauza lausoak gure irudimena dira. Poeta ere desagertu egiten da kasik, eta hitz egiten dute unibertsoaren indar ezkutuek. Mallarmeren poesia da ulertu baino gehiago dastatu egin behar den horietakoa, apurka-apurka harrapatzen zaituena eta esanahiaz harago eroan. Rimbaud da beste bat. Baudelaire ere bai. Poe. Korronte bat gaur egunera arte iritsi dena.
Tradizio horren haritik etorri ziren sinbolismoa eta are surrealismoa bera ere. Seinaleak ulertu ez arren ere, badago zer edo zer kilika eragiten dizuna: badakizu ez dela ari deskribatzen dituen gauzei buruz; gauzok unibertsoaren misterioei buruz hitz egiteko bitartekoa baino ez dira. Berriro asmatzen du poetak den oro. Ordutik ari gara besteok ere, konturatu barik, berrasmatzen Mallarme eta bere absolutua. | news |
argia-f1775cc24791 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/putreak.html | Putreak | Itxaro Borda | 2016-11-13 | Putreak
Greziako deboila ekonomikoak ez ditu gehiago egunkarien lehen orrialde katastrofistak emokatzen, baina artean herriko ontasunen arpilaketak isilean jarraitzen du, ustiaketak, biluzteak: Ulises, menturaz, ez da Itakara itzuliko. Penelope bakarrik geratuko da.
Diru-laguntza berri bat erdietsiko du Greziak eta trukean, troikaren esku geratuko dira, alegia hurrengo mende bukaeraraino, bertako aberastasun publikoak eta zerbitzuak. Sosa ukan eta Taiped agentzia buru, berehala hasiko den pribatizatze oldea kudeatzeko sortua izan da Superfund entitatea. Horren baitan aurkitzen dira goi-mailako hiru funtzionario frantses egitura sozial ohiaren hilikiak moko zorrotzez klikatzeko prest.
Suezek aspaldian begiztatua du Atenas eta Tesalonikako ur sarea, EDF ere lehen lerroan dabil elektrikaren alorrean, Vinci autobideen sailean, Posta halaber (hobe luke hemen dituen langileen egoera mentalaz arduratzea) eta Alstom burdinbideak bereganatzeko. Besteak beste. Ardita bada egiteko, ausarki, eta putreak gose dira.
Calaisko jungle delakoa hustu zuten, herrialde osoak pobretzen dabiltza, pobreak beraien gabekeriaz hobendun aurkezten dizkigutela: uste dut Autza kaskoko saiak bihoztunagoak direla.
Eta hori ez da seinale ona. | news |
argia-070d42c9fd32 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/ainara-azpiazu-aduriz-axpi.html | "Paradisua eman diot Altza Porruri" | Garazi Zabaleta | 2016-11-13 | "Paradisua eman diot Altza Porruri"
Permakultura, baratze ekologiko, biodinamika eta zero zabor filosofiadun unibertsoa marraztu duzu. Jakobitentzako paradisua da!
Bai, hala da! Naturak berez, guk esku-hartzen ez dugunean, daukan perfekziorako joera irudikatu nahi nuen, horrek liluratzen nau. Gaur egun atzetik gabiltza beti, hanka-sartzeei buelta emateko sistemak asmatzen. Edo asmatu nahian behintzat. Horren guztiaren beharrik ez den momentua irudikatu nahi izan nuen. Ez dakit paradisuko mundu horretatik gatozen, baina joan, norabide horretan joan behar genuke!
Eman eta Hartu. Zer eman diozu Altza Porru ri zuk eta zer hartu duzu bertatik?
Altza Porru ri eman? Baratzeko lanak egiteak lanik ematen ez duen paradisuko ekosistema bat. Zaborrik gabea, garbia, ekologikoa, bere kabuz hornitzen dena… Paradisua, ez da gutxi, ezta?
Eta berak niri? Jakobarekin tertulia ederrak izateko beta, profesional handi eta estimatzen dudan jende on askorekin batera lan egiteko aukera, zortzi orriko gidoi bat sortzeko eta garatzeko erronka, nire burua desafiatzekoa… eta zorte pixka batekin, Euskal Herrian barrena aurkezpenak egiten ibiltzeko aukera (kar, kar).
Non ibili zara gehiago komiki hau marrazteko prozesuan eredu bila, baratzean edo BBCko animalia dokumentaletan?
Zaintzen (ez) dudan baratze horretan ibili naiz bila, gauzek bere kabuz orekarako joera nola hartzen duten ikusten, naturari begira eta hausnarrean… eta gizon-emakumeen arteko hartu-emanetan. Bide batez, BBC… zer da hori?
Erabili dituzun hitz joko horiek guztiak sortzeko, agian, Euskaltzaindiko liburu artean ere ibiliko zinen…
Euskaltzaindia? Ez, ez, Jakoba bera! Berarengana jotzen nuen zalantzaren bat nuen aldi oro. Eta galdera batekin bi orduko jarioa nola duen, bitan elkartzearekin nahikoa eta sobera izan zen gidoia osatzeko. Bera izan da lan honen hirugarren zangoa.
Ez dut jakin zer barazki den liburuaren aurkezpenean irudikatzen zaituena… Marrubia? Patata?
Uix, horiek Asiskoren kontuak dira, neronek ere ez dakit eta! Berak alberjinia naizela dio baina… Hurrengo libururik balego, ea erretratuak egiteko aukera niri ematen didaten… | news |
argia-7bbc21b437f4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/matthew-urakanak-ez-beste-norbaitek-hil-ditu-900-herritar-haitin.html | 'Matthew' urakanak ez, beste norbaitek hil ditu 900 herritar Haitin | Pello Zubiria Kamino | 2016-11-13 | 'Matthew' urakanak ez, beste norbaitek hil ditu 900 herritar Haitin
Matthew urakanak Haiti jo zuen urriaren 4an, Ameriketako herrialderik txiroenaren mendebaldean sekulako txikizioak eraginez. Hilabete geroago, ia 900 hildako zeuden kontabilizatuta, eta kolera izurritea zabaltzen ari zen hiri eta baserrietan barrena. Hondamendi naturala aipatu den arren, Haitiko ezbehar berri hau da ehunka urteko desastre politiko, ekologiko eta sozialek eragin eta larriagotutako katastrofea.
2007an bereak eta bi egin zituen Felix urakanaz geroztik Matthew izan da Karibea astindu duen 5. mailako lehenbiziko zikloi tropikala. Kolonbian hildako bat utzi du, 4 Errepublika dominikarrean, 49 AEBetan... bakar bat ere ez mota guztietako krisiei aurre egiten eredugarri den Kuban. Haitin hildakoen kopurua ia 900era iritsia zen azaroaren hasieran, baina zenbait adituk 1.500 edo gehiago izan direla uste du. Estatistiketarako betarik ez dauka Ameriketako herrialderik txiroenean munduko gizarterik zanpatuenetakoa kudeatzen duen sasi-estatuak.
Haiti ekaitz erraldoiak harrapatu du oraindik burua jaso ezinik zebilenean 2010eko lurrikaratik. Urtarrilaren 24 hartan Richter eskalako 7. mailako astinduak sekulako triskantza eragin zuen, iturri batzuen arabera 100.000 eta 160.000 artean hildako, Port-au-Princeko gobernuaren kopuruetan 300.000tik gora hamar milioi eta erdiko populazio batean. Hondamendi bakoitza da Apokalipsia hemen.
"Baina gertatua ez da naturala izan", idatzi du Laura Wagner antropologo iparramerikarrak. "Hemen hondamendien sustraiak daude faktore sozioekonomikoetan eta bortizkerian [ 'slow violence' ], hondamendien kalteak izugarri nozitzen dituzte hirietako txabolategi mukuru betetako zein urrun bakartutako herrixketako jende txiro baztertuek. Matthew urakana bezala 2010eko lurrikara dira Laurent Dubois historialari haitiarrak aftershocks of history deitzen dituenak, mendeetako gertakizun politiko, ekologiko eta sozialek eragindako oihartzunak".
Wagnerrek antropologiako tesia Haitin egin zuen, 2010eko lurrikararen eraginetan ikertuz. Orduan hiriburua eta inguruak birrindu zituen katastrofeak, izuak eta goseak eraginda milaka haitiar eramanaz Tiburon lur muturrera eta bereziki Grand'Anse eskualde naturaz aberatsera. Oraingoan alderantziz gertatu da eta gaur Port-au-Princera ikasketetara edo lan bila joandako herritarrak dira Grand'Anseko familien berririk gabe geratu direnak.
Askorik aipatzen ez den arren, Haitiren antolaketa hiper-zentralizatuak areagotzen ditu kalteak. Lurrikarak txirtxilatu zuen hiru milioi biztanletik gora –herrialdearen herena– bidonville txabolategietan pilatzen dituen hiriburua. Orain urakanaren azioak are gaiztoago gertatu dira mendebaldeko sarrera-irteerak arras kaxkarrak direlako. Argindarrik gabe, uholdeek zubiak eramanik, kaltetutako populazioak isolaturik geratu dira aste luzez.
XVIII. mendean Frantziak munduko nekazaritza instalazio emankorrena bihurtu zuen Haiti, milaka jenderen esklabotzan oinarrituta. Haiek ezarritako eredu zentralista, hiritarrak eta baserritar morroiak erabat bereizten zituena, gaurdaino heldu da, administratzaile bakoitzak –AEB okupatzaileek 1915-1931 epean, Duvalier diktadore neokolonialek geroztik...– okerragotu du lurraldearen antolaketa buru gabea. Matthew k milaka herritar gehiago eramango ditu bortxaz Port-au-Princera, han direlako nazioarteko indarrek eta GKEk banatzen dituzten laguntza gehienak.
Lagun batek idatzi dio Wagnerri Haititik esanez irratian norbaiti entzun diola ekaitz hau gaiztoagoa izan dela duela sei urteko terremotoa baino. "Harritu ninduen, ezin baitira alderatu orduko eta oraingo biktimen kopuruak. Gero ohartu naiz, ordea, nazio osoa elikatzen duen mendebaldea birrindu duela Matthewk, zuhaitz bakar bat ez duela zutik utzi, soroetako uzta guztiak desegin dituela, eta agian arrazoi zuela".
Bakegileak eta gosetearen industria
Urriak aurrera egin ahala, Haitik hedabide nagusietara iritsitako irudiak aberastuz joan dira, alde batetik laguntzaz betetako hegazkinak iristen mundu osotik, bestetik kolera izurriteak hildakoen lehenbiziko albisteak.
Baina kasu kolerarekin, dio Wagnerrek. "Ez duzu pentsatu behar hondamendiak automatikoki dakarrela kolera. Izurriterik ezin da gertatu koleraren bakteriorik ez den lekuan, denik eta txiroena izanda ere, eta Haitik ez zuen kolerarik Nazio Batuen Erakundeak bake misioz bidalitako militarrek zabaldu zuten arte 2010ean". Hilabete gutxitan 9.000 jende hil eta milioi erdi gehiago gaixotu ziren, ustez haitiarrei laguntzera NBEaren MINUSTAH operatiboan iritsitako militar nepaldarrek sarturik.
Fabrizio Lorusso kazetariak, "Haiti, gosetearen industria" liburuaren egileak, La Jornada egunkari mexikarrean geopolitikan eta historian kokatu ditu herrialde honen malurrak: " El vudú neocolonial contra Haití ". Munduko lehen errepublika beltz eta esklabotzarik gabekoa izana baita Haiti, 1804an Napoleon Bonaparteren Frantziari independentzia irabazita.
Geroztik potentzia handiek sistematikoki ebaki dizkiote hegalak. Frantziak 1825ean kolonoek bertan utzitako ondasun eta esklaboen kalte-ordaintzat 150 milioi franko urrezko pagatzea eskatu zion Haitiri eta beste potentzia handiekin batera blokeoa ezarri. Pagakizunek 125 urte iraun zuten. Tartean, 1914an AEBetako soldaduek inbaditu zuten Haiti, gerra mundialaren aitzakian; bertan geratuko ziren 1935a arte.
1950eko hamarkadan hasi zen Duvaliertarren agintea, François Papa Doc lehenbizi, haren seme Jean-Claude Bébé Doc gero 1986 arte. Terrorezko istoriorik nahi duenak, aski du haien borrero eskuadrak ziren Tonton Macoute en balentriak irakurtzea. Duvalier Parisen hil zen bake ederrean 2011n. Aldiz, herritarren botoz hautatutako Jean-Bertrand Aristide teologo ezkertiarra bi aldiz kendu zuten militarrek bortxaz, 1991n eta 2004an. Bigarrenean bidali zituen Nazio Batuen Erakundeak tropa bakegileak, eskuinak agintea benetan galtzen duen aldi oro ongi antolatu ohi duen kaosa harturik estakuru.
"Haitiren zorigaitza askoz gehiago dago lotua geopolitika eta ekonomiarekin, naturaren apetekin baino", idatzi du Lorussok. 2010ean Bill Clintonek publikoki eskatu zuen barkamena bera agintean egondako urteetan Haiti derrigortu zuelako AEBei arroza erostera. AEBek diruz lagunduta bere nekazaritza industriala babesten zuen bitartean, baserritar haitiar asko hondoratu eta txabolategietara emigratzera behartu zituen. Baina Clintonen hitzek ez dute aparteko aldaketarik ekarri; aldiz, haitiarrek beren elikatzeko moduak aldatu dituzte bortxaz.
Herrialdea konponbiderik gabeko txirotasunean hondoratuta, 10.000 GKEk kudeatzen dituzte nazioarteko laguntza humanitarioak. Laura Wagner, hondamendietako antropologoa: "AEBetako eta Frantziako leku asko aberats eta indartsuak dira Haiti bezalako beste asko txiro eta ahulak direlako. Gu hemen gaude haiek han daudelako". | news |
argia-9711e7e1d55d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/europako-lan-legedia-bete.html | Europako lan legedia bete | Juan Mari Arregi | 2016-11-13 | Europako lan legedia bete
Legearen defendatzaile diren ohiko gobernuek, izan estatalak izan autonomikoak, euren legeak betetzen ez direnean oihu egin eta hura hautsi duten herritarrak zigortu edo espetxeratzen dituzte. Patronalak gauza bera.
Baina gobernu eta administratzaile horiek, aitzakiak eta zirrikituak bilatzen dituzte eurei eragiten dieten legeak ez betetzeko. Europako lan legediak behin-behineko langileen inguruan esandakoa da horren adibide. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiren epai batek erabaki berri du lan baldintzak berdinak izan behar direla, kontratu mota dena dela ere, eta indemnizazio bera jasotzeko eskubidea dutela. Europar auzitegiak, ondorioz, behin-behineko eta behin betiko kontratuak berdindu egin ditu.
Legedi hori enpresa pribatuan eta publikoan ezarri behar da. Eta badakigu administrazio publikoan –Euskal Herrikoan ere bai– behin-behineko eta bitarteko langile asko dagoela: %4 izan daitekeela uste da, batez ere Osakidetzan eta hezkuntzan. Egia da zenbait kasutan behin-behinekotasuna ezin dela saihestu, baja edo oporrengatik sortzen diren ordezkapenak direlako. Baina bistakoa da administrazioak egiturazko postu asko ere –iraunkorrak izan behar luketenak– betetzen dituela aldi baterako kontratazioarekin.
Normala eta bidezkoa da behin-behineko eta bitarteko langileek, enpresa publiko nahiz pribatukoek, europar legedia bete dadila eskatzea. Beraien eskubidea da. Administrazio publikoek, legedia aplikatzeaz gain, etorkizuneko enplegu publikoa proiektatzerakoan kontuan eduki beharko lukete hori. Behin-behineko kontratazioak amaitu behar dira. Kalitatezko enplegua, hauteskunde kanpainan denen ahotan egon dena, hori ere bada. | news |
argia-ad16fcea96ab | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/idazletza-eta-prekarietatea.html | Toki pixka bat idazle gehiagorentzat | Kepa Matxain | 2016-11-13 | Toki pixka bat idazle gehiagorentzat
Gazte zara gazte, literatura zale, zer edo zer idazten duzu, baina inor gutxi duzu inguruan zure lanaz iritzi kritiko bat ematen dizunik. Beka deialdietan eta sariketetan saiatu izan zara, emaitza handirik gabe. Gazte zara gazte, literatura zale, segi nahi zenuke idazten, baina gero eta testu gutxiago gordetzen duzu kaxoian.
Hamar dira helduentzako literatura liburu bat argitaratu duten 30 urtez azpiko euskal idazleak: Alaine Agirre, Itxaso Araque, Amaiur B. Blasco, Hedoi Etxarte, Gari Irazusta, Anartz Izagirre, Gorka Salces, Danele Sarriugarte, Garazi Ugalde eta Samara Velte (Kattalin Miner, laster). Agirre, Blasco, Etxarte, Irazusta eta Velte kenduta, gainontzeko bostak beka edo sari baten bidez atera dira plazara –Irazustarena, berriz, autoeditatua da–.
Bestalde, 20 urteko aldea dago hemen izan diren azken bi literatura banden artean –1993an manifestatu zen Lubaki Banda, 2013an bota zuten iepa-kaixoa ITU Bandakoek–. 20 urte, beren udazkeneko orbel eta guzti, 7.306 egun, beren ilunabar malenkoniatsuekin, literatura egiteko jarraikortasunez elkartu diren azken bi gazte-taldeen artean –Vladimir aldizkarikoak edo Kevin Heredia defuntua salbatu daitezke agian–. Zerk batzen ditu bi datuok, pentsa lezake inork, zertarako aritu kiribila kiribiltzen, funts handirik gabeko loturetan aztarrika, balizko krisialditxo bat iradokiz, noiz eta orain, euskal literatura Marino Jaizkibelen gora baino osasuntsuago dabilen honetan.
Demagun, ordea, datu horien atzean badagoela aztergai interesgarri bat, badaudela aletzeko moduko arrazoiak, eta, ikerlari trebatu hark nola, galderari buelta ematen diogula: zer dela eta hasiko da egun gazte bat, lanetik leher eginda etxeratu, entsalada zarpail bat irentsi, kafe kikarari zanga bat eman, ordenagailuaren aurrean jarri eta, konparazio baterako, nobela gotor bat idazten (salbu eta ez duen naturaz gaindiko barne indarra, edota literatura funtzio terapeutikorako erabiltzen?), Ramon Saizarbitoriak esana du –eta Ustela, Oh! Euzkadi eta garai hartako literatura aldizkarietan aritutako gazte askok sentitu izan dute antzera–: hastapenetan, inguruan talderik eduki gabe idazteak ez zukeela zentzurik izango. Taldeko guztien artean herriaren alde zerbait egiten ari zirela konturatzeak motibatzen omen zituen idazten segitzera. Zer gertatzen da, ordea, Lubakiko kanatsuen eta ITUko azal leunen arteko bi hamarkadetako arima bakartiekin? Zergatik itsatsaraziko dituzte ipurmasailak eserlekura ordu luzez, literaturari erabat emanak? Euskal kulturaren alde? Nazio eraikuntzan beren hondar alea jartzeko?
IKEAko aitzakiak, esango du norbaitek, arrazoi handiz. Baiki, idazteko zinezko gogoa duenak berdin topatuko du horretarako astia eta modua atzo, gaur edo San Fermin egunez. Baina hemen mahai gaineratu nahi den auzia beste bat da: panorama horretan, ea literaturgintza probatu nahi duen gaztearentzat baldintza egokienak ote diren egungoak, edo, bestela esanda, baldintzak bestelakoak balira, ez ote legokeen literatura mugimendu sendoago bat gazteen artean. Edo hirugarren modu batera planteatuta: ba ote dagoen borondaterik gazteen literaturgintzarako jauzia pixka bat kolektibizatzeko, irabazle bakar bat (eta galtzaile asko) onartzen duten beka eta sarien egungo eredua gainditu eta bestelako formulak asmatzen hasteko.
Ekaitz Goienetxea:
"Literatura lehiaketek badaukate alderdi hori: baztertzaileak dira. Niretzat ankerrena aipamenik ere ez jasotzea izaten zen. Ez nekien testu hark inolako balio literariorik ote zuen ere"
Feedback falta
Itzul gaitezen Saizarbitoriaren hitzetara: "(Sariketena) oso gai serioa da, zeren, norbait saritzen den bakoitzean, beste batzuk uzten dira saririk gabe". Pelloren egia ematen badu ere, esaldiak badu mamia, zer esanik ez sariketa horietan parte hartzen dutenak gazte hasiberriak badira. ITU bandako Itziar Ugartek adierazi du berriki: "Gazteoi askotan argitaratzeko gelditzen zaigun bide bakarra lehiaketetan aurkeztea da, eta gero, horien bitartez, argitaletxeetarako saltoa egitea. Sistema horrek, lehiakortasuna sortzeaz gain, testu asko kaxoian gordeta uztea dakar. Horregatik sortu dugu Lekore, gazteon testuak libreki argitaratzeko espazio bat behar genuelako". Horixe, Lekore aldizkaria, funtsean: egun dauden joko arauei aurre egiteko saiakera bat.
Bekak eta sariak aho biko ezpatak dira, idazteko zaletasuna eduki bai baina sekula deus argitaratu ez duenarentzat: irabaziz gero, norbere lehen lana argitaratzeaz gain, aurrerantzean idazten jarraitzeko akuilu izan ohi dira. Aldiz, gerta daiteke deialdietara aurkeztu eta puska batean saririk jasotzen ez duen gazteak etsi eta literatura asmo oro betiko baztertzea. Ez, ziur asko, sariekin edota argitaratzearekin itsututa zegoelako, ez bere burua egunkariko kultur orrialdeetan irudikatzen zuelako, opera prima besapean eta titular arranditsuak jaurtikiz. Literaturatik aldenduko da, batez ere, ez duelako topatu –gertuko adiskideez gain– bere lanaren feedbacka emango dion inor, deus ganorazkoa, txarra edo mediokrea egin ote duen argudiatuko dion inor, eta, besterik ezean, irabazi ez dituen bekek eta sariek bete zezaketelako funtzio hori –eta, noski, erantzunik eza ulertu duelako erantzunik eza ulertu ohi den bezala–.
Sumatu izan du feedback horren falta Ekaitz Goienetxeak –berriki Igartza Saria jaso duen bermeotarrak–. Orain bi urte Gabriel Aresti ipuin lehiaketara bi lan aurkeztu eta biak saritu zizkioten. "Ipuinetako zaharrenak, beste lehiaketa batzuetara aurkeztu arren, ez zuen inoiz aipamenik txikiena ere jaso. Ordura arte ikusezina izan zen. Literatura lehiaketek badaukatelako alderdi hori ere: baztertzaileak dira. Niretzat ankerrena aipamenik ere ez jasotzea izaten zen. Ez nekien testu hark inolako balio literariorik ote zuen ere. Ondo legoke gutxienez testu iruzkin labur bat jasotzea epaimahaikoengandik, hobetzeko ezer ikusi duten, zer gustatu zaien eta zer ez, gomendiorik ote duten". Hutsune horri erantzuteko modua bururatzen zaio: literatura lehiaketetatik aparte, irakurle kritikoen sare bat sortzea, edozein idazle hasiberrik –edo ez hain hasiberrik– bere lanak bidali ahal izateko. Bide batez, Goienetxeak gehitzen du: "Bost urteko aldea dago Gabriel Aresti lehiaketara bidali zituen bi ipuinen artean: zaharrena idatzi ondoren, bost urte behar izan nituen ipuin berri bat idazteko".
Mikel Peruarena:
"Sarien tresna motz begitantzen zait, eta trabagarri"
Idatzi, diruagatik
Hemen eta orain bada euskarazko literatura diruagatik idazten duenik. Paradoxikoa, baina horra beka eta sariketa ereduaren beste albo ondorio bat: teorian literatura idaztea gustuko dutenei beren zaletasunean laguntzeko sortu diren arren, gerta daitekeela –zer esanik ez garai estuotan– diru-sariaren karameluagatik ez balitz sekula ezer idatziko ez lukeen jendea suertatzea irabazle. Irabazlearen partetik erabat hautu zilegia, esan gabe doa, baina ez du ematen sarion helburuarekin bat egiten duenik. Alegia, literatura idatzi nahi duten gazteei bultzada emateaz ari bagara, sarien eta beken egungo formula agian ez dela eraginkorrena.
Goienetxeak –literatura zale sutsua izanagatik– idatzi izan du diruagatik. Gabriel Aresti lehiaketarako bigarren ipuina prestatzeko lana hartu zuen, langabezian zegoelako eta diru sarrera bila zebilelako: "Erredaktorea naizenez, hor ikusi nuen aukera bat, probatzeak kalterik egingo ez zidana. Han eta hemen lan egitera ohitu garenok adi egoten gara beka deialdietara, lehiaketetara edo laguntzetara. Hori ere bada 'lana' lortzeko modu bat. Bakoitzak bere arloan. Eta nola nik erredakzio lanetan eskarmentua eta sormen apur bat baditudan, literatura deialdietara aurkeztera ausartu nintzen".
Sarietan, bederen, testu literarioa hartzen du aintzat epaimahaiak. Beketan, ostera, pisu handia har dezakete literaturaz gaindiko arrazoiek, proiektua saltzeko duzun abileziak, adibidez. Hala bizi izan du Goienetxeak: "Aurkezten duzu proiektu bat, defendatzen duzu gai izango zarela proiektu hori garatzeko, argudiatzen duzu gogoan epaimahaia limurtu behar duzula jakinda... Eta zu hautatzen bazaituzte, orduan hasi behar zara lanean. Aurten eman dizkidaten bi beka horietan, zalantza sortu zait ez ote den izan proiektu bat ondo argudiatzeko gaitasuna garatu dudalako publizitate arloko esperientzia urteetan".
Ramon Saizarbitoria:
"Seguru nago sari literarioetan eta gauza ez hain beharrezkoetan gastatzen duten diru kopuruarekin, dozena bat idazle, beste egitekorik gabe, beren produkzioari emanak bizi ahal izateko adina izango genukeela"
Onurak kolektibizatu
Gainontzean, ez da erraza formula baliagarriak zehatz-mehatz proposatzea, baina ze norabidetakoak behar luketen argi samar dago. Oro har, sariketei buruz askotan aipatu diren kontuek berdin balio dute gazteentzako beka edota sarientzat ere. Aspaldikoak dira lehiaren –eta idazle gutxi batzuk hauspotzeko formulen– aldean onuren banaketa kolektiboago bat defendatu duten ahotsak. Sakoneko ideia batek batzen ditu proposamenok: egun, hemen, artista gehienek sariketaren bat edo beka deialdiren bat irabazi arte modu prekarioan sortzea beste aukerarik ez dutela, eta hori irauli beharra dagoela, deus sortu nahi duenari prozesuan bertan lagunduz, ahalik eta baldintza duinenetan aritzeko aukera izan dezan –antzerkian, esaterako, gero eta konpainia gehiagok defendatzen dute formula hori–. Ez da atzo eguerdiko aldarria. 2001ekoak dira Saizarbitoriak Euskal Idazleen Elkarteari buruz esandakoak: "Seguru nago sari literarioetan eta gauza ez hain beharrezkoetan gastatzen duten diru kopuruarekin, dozena bat idazle, beste egitekorik gabe, beren produkzioari emanak bizi ahal izateko adina izango genukeela". Gaineratzen zuen: "Serio hartzeko gaia litzateke hau, baina kontua da idazleok garen bezalakoak garela eta ez dugula hartuko".
Antzeko oihartzunak suma zitezkeen, orain urtebete, Mikel Peruarenak Euskadi Sariaren ukoa azaltzeko bere blogean argitaratutako testuan. Honek –testuingurua zena izaki– administrazio publikoa jarri zuen jo puntuan. Iruditzen zitzaion lehiatik aterata badirela literatura produkzioa, sormena eta egileak sustatzeko bestelako bideak: "Sarien tresna motz begitantzen zait, eta trabagarri". Gainera, defendatzen zuen literatura lehiaketak beste era batera egin daitezkeela, eta, adibidez, sari bakarra eman beharrean urtean argitaraturiko dozena bat edo dozena erdi bat liburu nabarmentzea egokiagoa litzatekela, "liburu horiei ezinbestekoa zaigun kritika bat eginez, gainera". Testu berean, aipatzen zituen diru publikoarekin sormena sustatzeko beste tresna batzuk: adibidez, sortzaileentzako estatutu fiskal bereziak sortzea edo pizgarri fiskalak sortzea: "Demagun, aurten liburua argitaratuko duten egileei, zerga deklarazioa egiterakoan, hainbesteko diru bat itzultzea. Edo langabezian direnentzako laguntza bereziak sortzea". Gazteei bideratutako literatura beka guztiz publikorik ere ez dago egun.
Ainhoa Larrañaga Euskadi Literatura Sarietako epaimahaian izan da azken urteotan. Hark ere aipatzen du kultur sorkuntza sustatzeko beken eta sarien formulatik harago joan beharra dagoela. Traba handi bat ikusten du horretarako, ordea: "Guk ez daukagu estaturik, eta, ondorioz, kultura babesteko tresna sendorik. Literatura sariak edo antzeko beste hainbat ekimen ditugu, baina administrazio subalternoa den heinean, horraino baino ez gara iristen". Pentsa daiteke, beraz, neurriok martxan jartzea ez dela dirudien bezain erraza, eskuak loturik dauzkagula, bi estaturen menpe gaudenez gero. Panorama horretan, saia gintezke dauzkagun eskumenak gutxienez kultur sorkuntzarako ekimen demokratikoagoak bultzatzeko erabiltzen, edo bestela, horrelaxe segi, eta auzi hau ere estatu propioa lortzean aldatuko diren gauzen itxarongelara bidali. Independentziaren biharamunean sekulako nobedadeak espero dira herri honetan. | news |
argia-1dc7c4c3c300 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2529/80-urte-geroago-nola-egiten-dugu-bertsotan.html | 80 urte geroago nola egiten dugu bertsotan? | Estitxu Eizagirre | 2016-11-13 | 80 urte geroago nola egiten dugu bertsotan?
"Nere aipamenak izango dira
beste 80 urtian".
Artistaren kontzientziaz jarri zuen bertso sorta ezaguna Txirritak: bere lehen plaza eta orduko kantu-lagunak historiara pasa zitezen. Azken puntu horrek ere egin du bere lana, hil zela 80 urte bete diren honetan berari begira jarri gaitu berriz. Bere sorlekuan, Ereñotzu auzoan (Hernani), herritarren artean aztertu dugu orduko eta gaurko bertsoa bizitzeko modua. Zer bertso eremu lantzen ditugu egun?
Txirrita ren garaian eta erabat euskaraz bizi ziren auzoan, bizitzako esparru "denetan" egiten zela bertsotan atera dezakegu ondorioa, iritsi zaizkigu bertso eta pasarteetan oinarrituta: etxean, lanean, tabernan, festetako plazako saioan, bizitzako une garrantzitsuenetan... Etxean gizon zein emakumeak aritzen ziren bertsotan, elkarrekin. Horrela kontatu zuen Antonio Zubiarrainek ( Txirrita rekin kantuan aritu izandako Paulo Txikia ren anaiak): "Aitona (Joxe Miel Otxotorena) bertsolari ederra zen. Amonak ere (Joakina Etxeberria) bertsotan ederki egiten zuen. Gu zortzi senide ginen, sei anaia eta bi arreba. Gehientsuenok egiten genuen bertsotan, arreba gazteenak ere ederki egiten zuen! Bazkalondoan eta afalondoan jarduten ginen bertsotan; gehiena arto zuritzen!". Lanean ere gizonak eta emakumeak bertsotan elkarrekin aritzen zirela dakigu. Horren lekuko dira arto-zuriketaren aipamen hau eta baita Txirrita k belarretan ari zen Plazida Otaño ri botatako bertsoa eta honek emandako erantzuna. Tabernara eta festetako plazako saiora gizonek bakarrik zuten sarbidea. Emakumeen aisialdi eremuak zein ziren eta han zer bertso bota zituzten arakatzea falta da. Auzoan ikertzen eta festa berreskuratzen diharduten "atsolorra!" aipatu dute, berehala.
Bertsotan ikasteaz, naturaltasunez
Etxean ikasiko zuten bertsotan askok, garai hartan auzoan hainbat familia baziren bertsotan egiten zutenak: aipatutako zubiarraindarrak, saiburutarrak, ugaldetarrak... Beste askok auzoan ikasiko zuten bertsotan, etxea eta auzoa gaur baino lotuago zeuden garaian. Txirrita k sano sano hitz egiten zuen "profesore" funtzioaz, bertsotan egitea jainkozko dohainekin lotu behar izan gabe. Egungo bertso eskoletatik oso hurbil daude bere hitzak: "Joxe Miel Otxotorena zen nire profesorea, eta nik profesore egingo dut orain Paulo Zubiarrainena!" (Joxe Miel Otxotorenaren bilobarena, alegia, mesedea itzultzeko). Antonio Zavalak idatzita utzi zuenez ( hemen liburua PDFan), Txirrita ren garaian, Txabolategi bertsolariaren jaiotetxean, Domingo Erroizenea etxeko-jauna bizi zen. "Bertsotan zer edo zer aritzen zena omen zen, eta Txirrita k, artean zortzi edo bederatzi urteko mutikoak, honela esaten omen zion:
– Niri bertsotan irakatsi behar didazu, Domingo".
Etxea, lana, aisia, denak lotuago
Etxea eta lana bereiztea ezinezko da (egun, batez ere, emakumeen kasuan eta Txirrita ren garaian, gizon-emakumeentzat). Lanean ere bertsotan aritzen ziren, jarduera eramangarriago egiteko, eta besterentzat lanean ari zirenean, lan baldintzak hobetzeko edo lanari ihes egiteko. Horretan Txirrita artista zela irakatsi digute aurrekoek. Iritsi zaizkigu hargin koadrilla egun bateko lanetik libratu zituen bertsoak, egun luzetan lanera azaldu gabe egon ostean nagusiari kantatu zizkionak...
Bertso espektakulua urtean 11 aldiz
Herriko festetan gozatzen zuten entzuleek balkoitik balkoirako bertso ikuskizunarekin. Baina hainbat lekutan, egun osoan eta baita bizpahiru egunetan ere aritzen ziren bertsolariak. Kotxerik ezaren ezaugarriak, behin haraino joanda, bidaiari probetxu ateratzen ziotela denek. Florian Oiarbidek hala jaso zuen aurrekoengandik: " Txirrita k urtean 11 plaza egiten omen zituen, zeukan famarekin!". Artikuluan aipatutako Paulo Zubiarrainek idatzita utzi zituen egin zituen saioak. Gaztetan hasi eta 64 urtera arte plazaz plaza asko ibilita, 111 saio egin zituen, denera. Egun gehien dabiltzan pare bat bertsolarik urtean egiten dituzte 100 saio, eta urtean 70-80 saio egiten dituztenak dozena bat izango dira. Txirrita ren garaian bertsolari handiek etxean, lanean, tabernan, ia egunero kantatzea normala, eta egungo bertsolari handiek ia egunero plazako saio bat eginda gainerako eremuetarako aseta egotea, ulertzekoa. Plazako eremua eta eskolakoa zorroztu ditugu 80 urteotan, eta etxekoa, lanekoa, aisialdikoa kamustu.
Bizimodu aldaketak isildu du bertsoa
Ereñozu auzoak bertsozaleenetako bat izaten jarraitzen du, kanpotik doanarentzat. Bertsotan ikasi eta egiteko bertso eskolara joatea beharrezkoa ez den eremu bat, etxeko transmisioa eta auzokoa lantzea oso posible dena. Ez dute beren errealitatearen pertzepzio bera bertakoek. "Etxean elkarrekin kontu kontari zenbat egoten gara, bada?". "Kotxean goazenean, irratia edo musika jarrita". "Sagardotegira ere orduari begira eta joateko presaz etortzen zaigu orain jendea". Bertsotan egiteko, elkarrekin luze egon behar dela, beste tempo bat behar dela atera da ondorioa. Hitzari denbora eta leku gutxiago ematen diogula gaurko bizimoduan, eta berarekin batera, bertsoari. Bertsolaritza sustatu nahi duenak lantzeko gai politak dira bizitzako esparruak, aurrez aurreko harremanak, denborak, hitzaren eremuak... | news |
argia-0287d623e83e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/munduko-vodka-onenetako-bat-araban-egiten-da-100-bertako-patataz.html | Munduko vodka onenetako bat Araban egiten da, %100 bertako patataz | Irati Sarasua Arabaolaza | 2017-05-07 | Munduko vodka onenetako bat Araban egiten da, %100 bertako patataz
Etxeko helduenekin ikasi zuten eta gaur egun ogibide dute patatarekin vodka egitea Jose Luis Navarro, Carlos Ortiz de Zarate eta Eduardo Martinez de Murgiak. Europan egiten den vodkaren %1 baino ez da patatatik sortua. Aldiz, hirukote honek %100 Arabako patataz egiten du edaria. Bi urte besterik ez baditu ere, munduan ezagun egin da Basmoon izeneko vodka.
Arabako Fontetxa herrian, Euskal Herriko gainerakoetan bezala, ohikoak ziren Gerra Zibileko kontakizunak. Baina bazen zehazki herri horri loturiko pasarte berezi bat. "1936an Italiako tropak egon ziren bertan, Antonello Favro gerrillaria euren artean, eta herrian edateko askorik ez zutela-eta herritarrei patatarekin vodka egiten irakatsi zien", kontatu digu Jose Luis Navarrok. Garai hartan, sukaldeko soberakinak erabiltzen zituzten alkohola sortzeko eta gero belarrekin eta frutekin nahasten zituzten edangarria izateko.
Amona Hilariak kontatu zion hori haurretan Navarrori, sukaldeko mahaiaren bueltan. Carlos Ortiz de Zarate eta Eduardo Martinez de Murgia lagunek ere etxean izan zuten horren berri. Haurtzaroko lagunak dira, udak Fontetxa herrian pasatzen zituzten hirurek. Aitona-amonek inoiz ez zuten pentsatuko eurek kontatutako historiak gazteen etorkizunean hainbesteko eragina izango zuenik, egun Basque Moonshiners enpresako jabeak baitira hiru lagunak. Nabarmentzen dute bereziki Tomas Ortiz de Zaratek, Carlosen aitonak, izan zuela proiektuan eragina. Garai hartako destilatzeko alanbike tresna zahar bat topatu zuten duela urte gutxi herrian, eta lagunei bide honi ekiteko ideia sortu zitzaien.
Moonshiners-ak AEBetan lege lehorraren garaian vodka era ilegalean egiten zutenak ziren, eta orain, legearen barruan egiten badute ere, hiru lagunak dira Euskal Herriko Moonshiners-ak. "Gauza onak gozatzeko arriskuak hartzea ezinbestekoa" dela diote. "Guk patatarekin alkohola etxean askotan egiten genuen, eta duela 5-6 urte proiektu honi bueltaka hasi ginen, eta vodka egitearen abenturari ekin genion, arriskatu egin ginen eta gozatzen ari gara", dio Navarrok.
Patata eta eskuak oinarri
Bi berezitasun ditu eurek eginiko edariak. Batetik, alkohola bertako patatarekin egiten dute, %100 Arabako patatarekin, Agria izeneko motarekin. Almidoi asko du eta hori alkohol maila handiagoa lortzeko lagungarria da. Garai batean Polonian vodka gehiena patatarekin egiten bazen ere, zerealarekin egiten da gehienbat gaur egun, bereziki zikirioarekin. Orain, Europan %1 soilik egiten da patatarekin, beraz, hori bada berezitasun bat. Bestetik, hiru lagunak artisauak direla esan genezake, eskuz egiten baitute prozesu osoa. Eurek sortzen dute alkohola eta hori ez da ohikoa, ez Euskal Herrian, ezta kanpoan ere. Patata iristen da biltegietara, baina edari garden irteten da Basque Moonshiner-setik. Prozesu osoa destilategian egiteak ere egiten du berezi.
Euskal Herrian vodka edateko ohitura handirik ez dagoela nabarmendu dute. Gipuzkoa eta Nafarroako edalontzietan ikusi liteke gehien, baina ez da aski zabaldu orain arte. "Gure helburua ez da Euskal Herria. Bertan saltzen dugunetik bizi beharko bagenu proiektua ez litzateke bideragarria", adierazi du. Horregatik, kanpora begira egiten dute lan. Euren produkzioaren salmenten %50 baino gehiago Espainiako Estatutik kanpo egiten dute. Bereziki Alemanian, Polonian, Erresuma Batuan eta Belgikan saltzen dute. "Herrialde horietan vodka ezagutzen dute, ez diezu nola egiten den azaldu behar, hemen, aldiz, ezezaguna da oraindik", azaldu digu Navarrok.
Basmoon, produktu nagusia
Patatarekin eginiko vodkaren izena horixe da, Basmoon. Bost destilazio ditu eta hotzean filtratzen dute. Hori da merkaturatu zuten lehen edaria, baina Chacal izeneko produktua ere kaleratu zuten duela hilabete inguru, %100 garagarraz egina. Eta aurrera begira, produktu berriak merkaturatzeko lanean ari dira. 2019ko udan Nafarroako maltaz eginiko whiskyak ere bere lekua izango du biltegian. "Produktu bereziak egiten saiatzen gara, denek egiten dutena egingo bagenu, jai genuke", dio moonshinerrak.
Jose Luis Navarrok Basque Moonshiners-en egiten dituzten edariak erakutsi dizkigu. Argazkia: Dani Blanco.
Follow yourself da euren lema, "zure erara egin", horretan saiatzen dira. Gustatzen zaien hori egiten dutela nabarmentzen dute, egiten dutenarekin gozatzen dutela, garai batean bezala egiten dutela lan eta modan dagoen horri ez diotela erreparatzen. "Badakigu orain marrubiekin eginiko vodka egon litekeela modan, baina ez da hori egin nahi duguna, egiazko gauzak egin nahi ditugu, garai batean egiten zituzten moduan".
Munduko 29 vodka onenen artean
Patatarekin eginiko produktuak kritika bikainak jaso ditu, jada bi domina dituzte hiru lagunek. 2014an merkaturatu zuten, eta kaleratu eta hiru hilabetera Londresko Global Master lehiaketara aurkeztu eta Europako vodka premium onenaren saria irabazi zuten. Eta iaz, San Frantziskon, munduko lehiaketa onenean, 29 domina eman zituzten, eta horien artean eurek jaso zuten bat.
Hastapenetatik sariak lortu badituzte ere, oraindik hasiberriak direla diote eta ibilbide luzea izatea amesten dute: "Oraindik buruan ditut izan genituen elkarrizketak, alkohola egitearen munduan sartu nahi genuen hiru lagun ginen. Merkatua aztertzen aritu ginen eta ikusi genuen vodka zela munduko edari alkoholdunen artean lehena, gainera hemen ez zuen inork egiten, eta aldiz, garagardoa edota ardoa egiten zuten asko zeuden. Hori ere abantaila iruditu zitzaigun, beste askok ederki egiten zutenez, bide berri bati ekin nahi izan genion". Hasieratik argi zuten euren helburua ez zela prezioan lehiatzea, kalitatearen lehia nahiago dute. Horregatik, produkzio txikiak egiten dituzte, baina guztia tentu handiz zainduta. 15.000 botila saldu zituzten iaz, eta aurten bigarren produktu bat merkaturatu dutenez, 25.000-30.000 botila saltzea dute helburu.
Haurtzaroko hiru lagunek bidea argi ikusi badute ere, etxekoek ez zuten hasieran hain argi ikusi, erotzat hartu zituzten, esaterako, Navarrok ordura arteko lana utzi zuenean amesten zuen bideari ekiteko. Baina irribarretsu eta harro ikusten ditu gaur egun gurasoak, sukaldean etxeko helduenei adi-adi entzundako historiek semeari zabaldutako bideari begira.
Basmoon vodka egiteko urratsak
- Agria izeneko patata freskoa erabiltzen dute. Patata horia da, almidoi askokoa, %20 ingurukoa.
- Zuritu.
- Errotatik pasa. Patata txikituta eta pasta eginda geratzen da.
- "Sakarifikazioa" egin. Almidoia azukre bihurtzen da, 10 orduren ostean.
- Legamia gaineratu 20 gradutan, tanke batean.
- Fermentazio prozesua egin. 5-6 egunen buruan mustioa lortzen da, 6º-7º inguru izaten ditu.
- Lehenengo destilazioa egin eta geratzen den patata kendu. 80º inguruko alkohola izaten du momentu horretan.
- Jarraian 4 aldiz berriro ere prozesu bera egin. Horregatik diote euren edariak 5 destilazio dituela. 96º dituen oinarrizko alkohola lortzen dute horrela.
- Bi asteren ostean, oinarrizko alkohola mineralik gabeko urarekin nahastu. Hala, alkohola 41,5ºra jaisten da.
- Hotzean filtratu. Beste askok beroan egiten dute, ikatz aktibatuarekin.
- Botilaratu. | news |
argia-5147c859accc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/edison-eta-tatuajeak.html | Edison eta tatuajeak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-05-07 | Edison eta tatuajeak
Thomas Alva Edisonek (1847-1931) 1.000tik gora patente lortu zituen. Batzuk oso ezagunak: fonografoa, bonbilla goriak, kinetoskopioa... Beste batzuk ez hain ezagunak, hala nola, stencil-pen edo txantiloiak egiteko makina elektrikoa, 1876an patentatua.
Gailuak papera zulatu eta zuloetan tintadun zigilua jartzen zuen. Kopiak egiteko balio zuen, baina, zenbait egokitzapen eginda, azala tindatzeko ere erabil zitekeen. Hala, tatuatzeko makina elektrikoaren aitzindaria izan zen Edisonen arkatza. Gainera, badakigu Edisonek tatuaje bat zuela eskuineko besaurrean, bost puntu soilek osatua, baina ez dakigu nola egin zioten. Bere buruari egin ote zion, asmakizunaren erabilera berria probatzeko? | news |
argia-a0452e82d74f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/tentagarria.html | Tentagarria | Edu Zelaieta Anta | 2017-05-07 | Tentagarria
Tentagarria iruditu zaio, praktika ez-zientifikoa bada ere, parekidetasunaren aldeko urratsak eman dituzten estatuak auto-matrikularen arabera neurtzea. Izan ere, etxetik kanpo egindako azken oporraldia baliatuta, P-dunetan gidari doazen emakumeen kopurua E-dunetan gidari doazenak baino apalagoa dela ikusi du; hala berean, F-dunetan eta GB-dunetan doazenak E-dunetan baino gehiago direla ohartu da.
Tentagarria iruditu zaio unibertsitateko irakasle-ikertzaileari, hilero jasotzen duen jornalak halako praktika ez-akademikoak babesten ez baditu ere, parekidetasunaren aldeko urratsak matrikulaka sailkatzea. Izan ere, familia kasuetan bereziki, joera nabaria da nork daraman lema, nork hartzen duen rol aktiboa (eta nork ez), noren eskuetan jartzen diren autoan doazen guztien biziak.
Tentagarria iruditu zaio, lagina eta metodoa estandarrak ez badira ere, matrikuletan ikusi uste duen errealitatearekin ondorioren bat ateratzea. Izan ere, bolanteari heltzen dioten esku gehienak, matrikularen letra larria gorabehera, gizonenak dira: gizon zuriagoak, gizon beltzaranagoak, gizon zaharragoak, gizon gazteagoak; hots, lau gurpiletan ere, bi hankatan bezala, gizona nagusi. | news |
argia-63e2b524d966 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/lau-hilabeteko-gurasotasun-baimena-ezartzea-proposatu-du-europako-batzordeak.html | Lau hilabeteko gurasotasun baimena ezartzea proposatu du Europako Batzordeak | Lukas Barandiaran San Roman | 2017-04-27 | Lau hilabeteko gurasotasun baimena ezartzea proposatu du Europako Batzordeak
Gurasotasun baimena eta seme-alabak zaintzeko baimena lau hilabetera luzatzeko proposamena egitea onartu du Europako Batzordeak. Proposamenak aldaketa handia ekarriko luke Hego Euskal Herrian, lau asteetara luzatu berri baita baimen hori.
Bruselan aurkeztu du proposamena Elkarrizketa Sozialerako Batzordeko lehendakariorde Valdis Dombrovskisek. "Familiako eta laneko bizitza uztartzeko" neurriak aurreikusten du gurasoek ordaindutako lau hilabeteko baimenak eskatu ahal izango dituztela seme-alabek hamabi urte bete arte. Neurriak aurrerapen handia ekarriko luke baimen mota horien arloan; Espainiako Estatuak aurten bertan lau asteetara luzatu baitu baimen mota hori.
Gainera, neurri berriak aitortuko du gizonezkoentzat seme-alabaren jaiotzaren inguruan hamar eguneko baimen berria onartzea, eta senide gaixoak zaintzeko urteko bost eguneko baimena. Baimen guzti horiek gaixotasun baja bezainbeste ordainduko lirateke. Bestalde, seme-alabak dituzten gurasoek ordutegi malguak eskatzeko eskubidea edukiko dute.
Batzordeak eman dituen azalpenen arabera, aitek seme-alaben zainketan ardura handiagoa hartzea eta hala emakumeak soldatapeko lanetan pisu gehiago hartzea dira neurrien helburuak. 2015ean gizonezkoak baino %11,6 emakume gutxiago zegoen soldatapeko lanekin, eta diferentzia hori %30era igotzen da sei urte baino gutxiagoko haurrak dituzten familietan, Batzordeak neurria justifikatzeko emandako datuen arabera.
Europako patronala kontra
Proposamenak "lana sortzea eta lehiakortasuna" murriztuko dituela esan du Europako patronalak, Business Europek. Sindikatuen Europar Konfederazioak, berriz, proposamena babestu du eta patronalaren negoziaziorako borondate eza kritikatu ditu.
Dena den, Deia -k eman duen albistearen arabera, Batzordeak Europako Parlamentuko alderdi kontserbadoreei eta estatu kideei aurre egin beharko die proposamena aurrera ateratzeko. | news |
argia-4c2898984672 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/txaikovski-twist-batekin.html | Txaikovski twist batekin | unknown | 2017-05-07 | Txaikovski twist batekin
Donostiako Kursaal Fundazioak Txaikovski monografiko erabat atsegina oparitu zigun. Klasiko unibertsalak, publikoaren gustukoak, errazak entzuteko… Arrakasta segurua. Beraz, inongo arazorik ez txaloaldiak lortzeko. Baina kasu hauetan, betiko errepertorioaren faboritoak eskaintzen direnean, zerbait gehiago behar da benetako interesa pizteko.
Aldi honetan, orkestra interesgarri batek jotzeaz gain, bi pertsonalitate berezi izan genituen taula gainean: Varvara Nepomniastxaia piano-jotzaile errusiarra, oso musikari diferentea, eta Vladimir Fedoseiev zuzendaria, berezko estiloa duena, dudarik gabe. Osagai hauekin, merezi izan zuen saioak, gustatu ala ez.
Txaikovskiren 1. Piano eta orkestrarako kontzertua, si bemol minorrean, op. 23 benetako goxokia da. Nork ez ditu gustuko lan honen melodia zabalak, ameslariak, une folkloriko distiratsuak, joko erritmikoak… Obra zaila da bakarlariarentzat, dudarik gabe, eta beraz, interpretazio ona lortzeko behar da pianista trebea eta horrez gain, musikaltasun aparta duena. Varvara (hala da bere izen artistikoa, abizenik gabe) ez da musikari arrunta, berak ez du publikoa axolagabe uzten. Jotzeko era nerbioduna du, nolabaiteko antsietatea transmititzen du, eta hori ez da guztiz txarra. Musika "koskadaz" ateratzen zaio, modu bortitz batean. Jenioa du andreak. Baina, beste alde batetik, jotzeko era hau arriskutsua da. Eta hori sentitu genuen kontzertu hau interpretatzerakoan. Sarrera boteretsu eta ederra egin zuen. Diskurtso grinatsua eskaini zuen uneoro, baina garbitasuna falta izan zitzaion askotan, edo orkestrak estali zuen pianoren soinua beste batzuetan. Bestalde, kontrol pittin bat falta izan zen orkestra eta bakarlariaren arteko oreka lortzeko. Halere, esan bezala, publikoak disfrutatu egin zuen. Bis bat bota zuen Varvarak: Bachen Sarabande, polita, agian eztitsuegia.
Bigarren zatian, beste klasiko bat entzun genuen: konpositore beraren Zisneen lakua balletaren zenbakietako aukeraketa bat. Lan honetan bai nabaritu zen Vladimir Fedoseiev zuzendariaren ikuspuntu berezia. Muturreraino eraman zuen zati bakoitzeko izaera, benetako interpretazio estilizatua lortuz. Vals leun eta erromantikoa entzun genuen; Pas d'action delako pasartean nabarmena izan zen kontzertinoaren solo zoragarria, eta erritmo bizi eta zorrotza eman zion Fedoseievek Scène finale zenbakiari. Propina pare bat egin zituzten, taxuz., saio osoa bezala. | news |
argia-a0647f1ff3b9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/elikadura-burujabetza-modan-dago-milioika-nekazari-ikusezinak-ez.html | Elikadura burujabetza modan dago, milioika nekazari ikusezinak ez | Pello Zubiria Kamino | 2017-05-07 | Elikadura burujabetza modan dago, milioika nekazari ikusezinak ez
Nahasketa berezia osatzen zuten apirilaren 24tik 26ra Elikadura 21 biltzarrerako Gasteizko Europa zentrora mundu osotik etorritako baserritar, unibertsitario eta mugimendu sozialetako kideek. Aztergai zeuzkaten Elikaduraren etorkizuna eta nekazaritzaren erronkak XXI. menderako. Eztabaiden muinean, elikadura burujabetza: nekazari txikien Via Campesinak 1996an sorturik, XXI. mendeko krisitzarraren ostean eskuinak ere bereganatu nahiko lukeen kontzeptua.
Gasteizko Elikadura 21 en antolatzaileei begiratzen badiegu, alde batetik dago Etxalde mugimendua, loturik dagoena EHNE Bizkaia ri eta honen bidez Via Campesina mundu mailakoari; eta bestetik Hagako ISS Institute for Social Studies institutua, zeinak sustatzen baitu ICAS Nekazaritzako Ikerketa Kritikoen Institutua.
Laguntzaileen artean agertzen diren hainbat erakunde publiko, fundazio eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen artean bat nabarmentzekotan, Transnational Institute, buru ezagunen artean daukana Susan George, globalizazio neoliberalari buruzko ikerketa eta borroketan txit ezaguna den emakumea: Baionako armagabetze herritarraren ospakizunean ingelesezko agiria irakurri zuenak ireki zuen Gasteizko biltzarra ere.
Elikaduraren etorkizuna eta nekazaritzaren erronkak XXI menderako tituluaren pean, egitarauak sei multzo mamitsu zeuzkan. Kapitalismoa, klasea, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza. Klima aldaketa eta konbergentziak. Garapen‐ereduak kapitalen, ondasunen eta jendearen fluxuen testuinguruan. Ekoizpen bideetarako irisgarritasuna eta haien kontrola. Kontsumoa, osasuna, nutrizioa eta elikadura eskubidea. Eta elikadura burujabetzarako mugimenduak.
Biltzarraren lehenbiziko jardunalditik kide askok nabarmendu du "elikadura burujabetza" neoliberalen eskuetatik libre edukitzeko beharra. Manitobako (Kanada) Unibertsitatetik etorritako Anette Desmarais irakasle eta militante beteranoak kontatu du nola sortu eta zabaldu zuen 1996an kontzeptua Via Campesina mugimendu orduan gazteak. Geroztik, elikadura burujabetza txertatu da mugimendu sozial guztietan, aipatu eta barneratu dute beren erresistentzia ereduetan, eta mundu akademikoak bibliografia zabala eskaini dio ikerlan ugarirekin.
Hari beretik tiraka zabaldu ziren gero 'Energia Burujabetasuna', 'Hazien Burujabetza' eta beste, tematika berriak sortuz eta zaharretan txertatuz. "Azkenean paradigma oso bat bihurtu da elikadura burujabetasuna", esan du Desmaraisek. "Nekazariek sortutako ideia horrek, gainera, protagonismoa hartu du klimaren aldaketaren ondorioak denen begien aurrean azaldu direnean".
Orain, aldiz, arrakasta arrisku bilakatu zaio ideia berrizaleari. Raj Patel asiar jatorriko irakasle ingelesarentzat, gaur Indian agintzen duen edozein agintari nazionalistak lotzen du elikadura burujabetza India –edo Le Penen kasuan Frantzia, berdin Trumpen Amerika– "berriro herrialde handi" bihurtzeko asmoarekin. Krisi ekonomikoarekin azaleratu direnenean globalizazioak jendeetan eragindako zauriak, berriro indarrean datoz nazionalismoak eta protekzionismoa. Elikadura burujabetzarekin ere, neoliberalak kapaz dira beren logikaren kontra sortutako kontzeptua hartu eta erabiltzeko, manipulatzeko, merkatu kapitalistetan gertatzen dena hobeto ezkutatzeko herritarren begietatik.
Paul Nicholson euskaldunak, Via Campesinako lider erreferentzialetakoa ere badenak, garden utzi nahi izan du elikadura burujabetza aldarrikatzean herrien eskubidea dela aipatzen, ez herri bateko merkatuen kontrola bertako elite boteretsuei ematea. Eta, bigarrenik, herri guztientzako dela eskubidea, alegia, ez elikadura burujabetzaren izenean lekuko merkatua inportazioetatik babestu eta aldi berean auzoko herrialdeetako baserritar txikiak itotzeko agro-esportazioak sustatzeko.
Hain ugariak, hain ikusezinak
Biltzarra irekitzeko saioan egotekoa zen Mixel Berhokoirigoin, euskal nekazarien artean ezagunena. Ez zuen, ordea, Gasteizeraino hurbiltzerik izan, ETAren desarmatzeko mugimendu herritarrean egindako lanaren ordainetan Parisko epaile batek Frantziatik irtetea eragotzi diolako.
Berhoko k bideoz emandako hitzaldian bere estilo didaktiko ezagunean laburbildu zuen elikadura burujabetzaren funtsa, entzuleen irudimena lanean jarriz. "Munduko mapa bat egin dezakegu azalduz non diren jende gosetuak eta non jende ondo aseak. Gero eginen dugu beste mapa bat gure planetaren lurrak klasifikatuz beren emankortasunaren arabera, hobeak eta txarragoak. Pentsa liteke bi mapek berdintsuak beharko luketela, gaizkien elikatua den jendea bizi beharko lukeela lur txarrenak diren eremuetan. Baina ez da horrela gehienetan, lurrik onenak diren lekuetan askotan jendea goseak bizi da".
Gaurko elikadura sistemaren disfuntzio hori eta beste batzuk –zergatik dauka Europak esnea soberan eta ardi haragia faltan?...– erabaki eta plangintza politikoekin daukate zerikusi zuzena, eta horiek aldatzen saiatzen dira Via Campesinak biltzen dituen nekazariak.
Agroekologian eta lekuko nekazaritzan borrokatzen direnei galdera sorta ere laga zien Berhokoirigoinek. Munduan jendea gero eta gehiago hiri handi eta megapolietan bizi denez, nola elikatu jende horiek? Agroekologiaz gain nola antolatu megapoliak asetzeko agro-industria eta agro-distribuzioa? Produktuen prezioetan, nola uztartu laborarientzako duinak eta aldi berean hiritar ez aberatsentzako eskuragarriak izatea? Eta nola antolatu teknika eta teknologia berriekiko harremanak?
Baina arazo larri bat dute munduko nekazariek: milaka milioi izanagatik eta gainerako mundutarren gosea asetzeko lan egin arren, ikusezinak dira. Ikusezin bihurtu dituzte. Biltzarrean entzun dira inbisibilitate horren aspaldiko eta gaurko ezaugarri asko. Valter Israel da Silva baserritar txiki brasildarrak grafikoki erakutsi zuen nola administrazioek estatistikak ere antolatuta dauzkaten laborarien jardueraren zati handiena inon ager ez zedin, agro-industriari lotuak ez izan arren mundua elikatzeko lanik gehien egiten dutenena, alegia.
Hein batean ikusgarritasuna berreskuratu die baserritarrei Via Campesinak elikadura burujabetzaren inguruan hamarkadotan lortutako aliantzekin: Gobernuz Kanpoko Erakundeekin, gizarte mugimenduekin, mundu akademikoarekin, sindikatuekin... Baina kapitalismo neoliberalak ere inoiz baino ofentsiba handiagoa darama nekazari txikien kontra, merkatuak, ongarriak eta haziak kontrolatu ostean, orain lurraldea bera kendu nahi zaie herritarrei eta zehazki nekazariei. Peter Rosset irakasleak esan bezala, kapitalaren ofentsiba berrian jokoan dago lurraldea bere osotasunean, lur, jende, ur, haziak eta historia barne.
Gasteizen entzun ziren Txinako adibideak, Indiakoak, Bizkaikoak, bazter guztietakoak; eta denetan lotzen ziren klimaren krisia, elikadura, krisi ekonomikoa, zorpetze publiko eta pribatua, kontsumoa, errepresioa, desjabetzea. Beldurrak eta itxaropenak, Monsanto eta Zero Aurrekontuko Laborantza. | news |
argia-f3f3b8f94679 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/ispilutxo-ispilutxo.html | Ispilutxo, ispilutxo... | Irati Elorrieta | 2017-05-07 | Ispilutxo, ispilutxo...
Ile urdinak ikusi zizkidan lehenengoz atea ireki nion batean. Nik arratoi bat ikusten dudanean izaten dudan erreakzioa izan zuen: izu deiadarra, eskua begien aurrean. Gure auzokoa zen, laguna, gizonezkoa, frantsesa, paraje hauetan lantzean behin piropo bat esaten zekien bakanetakoa. Egun hartan ile urdinak ikusi zizkidan, ikaratu egin zen. "Zuk ez dituzu, ala?", galdetu nion. Hatz erakuslea ezpainen aurrean jarri zuen sekretua gordetzeko eskatuz: "Atera egiten ditut".
Urte batzuk pasa dira ordutik, eta ugaritu egin dira nire ile urdinak. Lagun frantsesa urrun bizi da orain, eta ez nau ikusi behar. Beste batzuek ordea, egunero ikusten naute. Neuk ere ikusten dut neure burua egunero ispiluan, atzera bueltarik ez duen prozesuan sartuta.
Gainbeheraz idatzi zuen hemen Angel Errok duela aste batzuk. Gai potoloa da gainbehera; nik soilik bere alderdi fisikoari, estetikoari, begiratu nahi diot begietara ispilu aurrean. Arnasa sakon hartuz, bigarren begiratuan genero auzi batekin egiten dut topo. Eta genero auzi gehienetan gertatzen den bezala, ohiturekin hausteak eskatzen duen lanarekin. (Lana, pedagogia, solidaritatea, denbora...).
Follow your Nature , dio arropa marka baten aurtengo udaberri-udako publizitate kanpainaren esloganak. Mads Mikkelsen aktore danimarkarra da gizonezko modeloa, 50 urtetik gora ditu, kanpaina bereko emakumezko modeloak baino ia hogei gehiago. Oso naturalak dira bien argazkiak, eta Mads Mikkelseni ez dio ile urdinduak kalterik egiten. Barne oreka, sosegua, konfiantza azpimarratzen dute. Erronka zaila da, leunki esateko, hiriko afixetan irudi horren emakumezko baliokidea topatzea. Bestalde, falta zaizkigun irudi horiek produzitzea industriari dagokiola pentsatzeko bezain inozoa ere ez naiz.
Ohitura kontua besterik ez da, ez dut uste gizonezkoak hobeto zahartzen direnik. Gainbehera erabili baitut goian, baina zahartzeaz hitz egiteko eufemismotzat har daiteke kasu honetan. Gazte izateari utzi eta zahar bihurtu arteko bidean, gainbehera horretan, zahartze bilakaera horretan, nahi izanez gero, heldutasuna aurki genezake. Fruituetan, aldirik gozoena eta elikagarriena da. Susmoa dut sarritan gizonezkoak modu naturalagoan heldu izan direla aldi horretara. Eta naturaltasun horren puska bat oraindik irabazteko geratzen zaigula emakumeoi. (Adi, badaezpada ere errepikatu egingo dut alderdi fisikoaz ari naizela).
Milaka eta milaka gazte gerretan hiltzen ari diren bitartean, munduaren beste inguru batzuetan hasita daude pertsonengan zahartzaroa gelditu eta gazte bihurtzeko saiakerak egiten. Odol gazteari esker sagu zaharrak suspertzea posible dela frogatuta omen dago honez gero. Ez daukat bat ere argi noren eta zeren interesean ari diren ikertzen.
Gurea bataila txikia da, gizonezkoek boterea duten gizarte baten egiturekin talka egiten duena. Maitasun erromantikoak gizonezko eta emakumezkoen arteko amildegia handitu baino egiten ez duela uste duten feministek ez bezala, Eva Illouz soziologoak patriarkatua barrutik eraldatzeko indarra ere aitortzen dio maitasun horri. Maite gaituenak, maitasunak berezko dituen ezaugarrietatik abiatuta, garen bezala onartzen gaitu, gure hobe beharra bermatzen laguntzen digu. Finean, gure berdintasunerako borrok(et)an aliatua izateko erantzukizuna du.
Lehenengo, ispiluak bueltatzen digun irudia daukagu. Kanpoan, bakardadetik at, besteek bueltatzen diguten irudia heltzen zaigu. Besteak ere, ispilu ditugu baina. | news |
argia-aaea2986d452 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/adel-2017.html | Aulesti, antzerkia lotsarik gabe | Ion Olano Carlos | 2017-05-07 | Aulesti, antzerkia lotsarik gabe
Hamabigarrenez segidan, Artedrama Euskal Laborategia (ADEL) gauzatu da Aulestin: antzerkilarien sare, zubi eta harrobi. Segidan datorren kronika, aurten ikasle aritu den baten bizipen pertsonala da.
Lotsatuta iritsi nintzen Aulestiko lehen afarira, apirilaren 16ko iluntzean, aterpetxeko lagunarte berrira. Ez nuen inor ezagutzen, ezta inork ni ere. Lotsatuta nengoen, batetik, antzerkian erabat hasiberria naizelako, esperientziarik gabea ia. Eta bestetik, ikaskideei ez nielako hasieratik esan nahi kronika hau idatziko nuela, ADEL barrutik kontatuz ARGIArako. Ni, izatez, ez nindoan kazetari lana egitera, antzerkian murgiltzera baizik; gogotik saiatzera. Ohitura ezak ematen zidan lotsa. Hortaz, arituz baino ezin nuen hura hautsi.
Hamalau laguneko taldean hasi genuen astea, animalia lotsatien pare, Unai eta Garazi Lopez de Armentia anai-arreben eskola-ordu paregabeekin. Haiekin batera eman dugu aste osoan denbora gehien, gorputza esnatuz eta landuz –horrekin hasten eta amaitzen baita antzezlearen lana–. Arnasaren, zentzumenen eta erritmoaren bidez, bat egiten hasi gara apurka, norbera bere gorputzarekin, eta inguruaz jabetzen pixkanaka, taldekideen gorputzez, elkarrekin eragiten ditugun indarrez. Jolasean aritu gara, umeak aritzen diren seriotasunez. Yoga eta dantza pauso batzuk egin ditugu, edo gogotik saiatu bederen; hala, nekearekin batera sendotzen joan da, oharkabean, taldearen batasuna.
Egun osoan ia etenik gabe aritu dira ikasleak antzerkiaren alor desberdinak lantzen (argazkia: Ainhoa Resano).
Ikaskideen artean, egundoko talentua: ADELek argi uzten du hemengo teatroaren potentziala
Goizeko eskolak amaitu eta segidan zetorren bazkalordua; bazkaldu, arnasa hartu eta ia segidan hurrengo eskola. Lau eta lau, egunero zortzi ordu inguru, sei egunez, egin kontu... Edonola, gustuz aritu garenez, ordutegi estuan atseginez estutu gara denok, norbera bere pausoan. Aritzearen poderioz, neurria ere hartu diogu erritmo bizi horri, Aulestiko kale bakarrean gora eta behera, atzera eta aurrera, lanetik atsedenera eta alderantziz. Baina, lehenengo egunean, ohiturarik gabe, ezustean harrapatu ninduen bazkalosteko eskolak: "Barregarri izateaz gozatu".
Pablo Ibarluzea clown eta pedagogoa zen irakaslea. Haren egiteko erak aztoratu nau, goitik behera astindu, barrenak mugiarazi eta pentsamendua irauli. Eta, aurreko hori esanda gezurra badirudi ere, izugarri gozatu dut. Ariketa praktikoen bidez, komentario zorrotzak eginez, ezin argiago erakutsi digu ideia bat: porrotari ez zaiola beldurrik izan behar eta, are gutxiago, barregarri geratzeari. Denok dugula ergel bat maskarapean –baita zuk ere, irakurle–, nolabait ezkutatzen saiatzen garen clown bat. Behin hura aurkituta, ikas dezakegula ergel horretaz harro egoten eta hura erabiltzen jendeari barre eginarazteko, hau da, plazer emateko. Izan ere, gauza zoragarria da erridikulua, beste batek egiten duenean.
Formazioa eskaintzeaz gain egunero antzezlanak antolatu dituzte Aulestin (argazkia: Dani Blanco).
Zubi eta harrobi
Zur eta lur utzi nau irakasleen jakintza mailak, baita haien lanerako gaitasunak ere. Denek ikasi eta lan egin izan dute Euskal Herritik kanpo, eta luxua da esperientzia horren fruituak euskaraz jaso ahal izatea herrian bertan. Esaterako, izan genuen azken irakaslea, Amancay Gaztañaga, benetan argigarria eta lagungarria izan zen. Ariketa zehatzen bidez, pentsamenduaren trabak topatu, eta haiek gaindituz testua nola gorputzeratu ikasten hasi ginen, hartara keinu espresiboaz jabetzen hasteko.
Iñigo Ibarra (Ander Lipus) lanean ikustean aiseago ulertzen da inguruan arnasten den
antzerki-giro hau
Maisu-maistra horiez gain, Iñigo Ibarra markinarra ere ezagutzen hasteko aukera izan genuen eskola orduetan, otorduetan eta abarretan. Iñigo da, hain zuzen, Ander Lipus aktoreari eta bere pertsonaiei bizitza ematen dien pertsona. Hura lanean ikustean, berarekin lanean aritzean, aiseago ulertzen dira hainbat gauza: besteak beste, zergatik arnasten den halako antzerki-giroa inguruan, eta zein lan funtsezkoa betetzen duen berak: lotura eraginkorra izatea, sareak jostea.
Ikaskideen artean egundoko talentua eta gogoa nabaritu dut. ADELek argi erakutsi dit zera: antzerkirik onena egin dezakegula, batere lotsarik gabe, gauden lekutik, garen moduan. Norbera beretik, taldean nahiz bakarka, nolabaiteko sare askean betiere. Egin daitekeela antzerkia herrian, herriarekin eta euskaraz. Neronek gehien baloratu dudana, sakon-sakonean, azken horixe da: antzerki arteetan egindako murgilaldi osoa, hasi eta buka, euskara hutsean izan dela.
Aulestikoa sare bat da, ikasle, antzezle, ikusle, antolatzaile eta laguntzailez osatua (argazkia: Dani Blanco).
Kalean sarea
Sarearen irudia izan dut kaskoan bueltaka aste osoan –zibernetikoa ez, bestea–. Aulestin denok izan gara bat, sare berean. Herritar gazteenetik zaharrenera, izan inguruko nahiz urruneko bisitari, askotariko langile, laguntzaile, antolatzaile... jakina, baita ikasleok ere. Sarean lotura guztiek betetzen dute, funtsean, funtzio bera: elkar jostea. Baina loturek ez dute zertan izan zurrunak eta giltzapekoak; izan daitezke lotura askeak ere, demagun, elkar ematen eta askatzen duten bi eskuren antzera.
Jakina denez, Aulestik kale bakarra du, baina ehunka bidek bat egiten dute bertan –metaforaz bada ere–. Zenbat eta bide gehiagok egin bat kalean, bistan da, sendoagoa da sarea. Honezkero sumatzen da urteetako lan metatuaren indarra: herrian erabat errotuta dagoenez, bertako antzerki giroari distira berezia dario. Aulesti ezagutzen ez zuen honek ere, ADEL zer zen zehatz-mehatz ez zekienak, berehala sumatu du hori. Nire ezjakintasunean, ideia orokor batekin ailegatu nintzen, intuizio apur batekin... baina jo eta aurreikuspen oro txiki-txiki utzi du bertan ikusi, entzun, eta bizi izan dudanak.
Eta den-dena euskaraz: antzerki murgilaldi honetan hori ere baloratzekoa da
Eskola orduak amaituta, afaldu ondoren, iluntzero izan dugu euskarazko antzezlan bana –batzuetan bina– gozatzeko aukera. Ikasleontzat zinez interesgarria izan da gure irakasle eta bidaide izan direnek zuzendutako edo antzeztutako lanak oholtzan eta kalean ikustea. Ez nuen espero halako ilararik iluntzero, antzerki emanaldiak jendez beteta, gehienetan gainezka. Zenbait kasutan, eserleku berriak inprobisatu behar izan dira, ikuslego osoa aretoan sar zedin. Gainera, herriko Gazte Asanbladakoek egitarau alternatiboz osatu digute antzerki plana, emanaldi eta kontzertuak antolatuz gaztetxean eta plazan.
Jende asko erakarri dute egunero ADELen aurtengo edizioko antzerki-emanaldiek (argazkia: Dani Blanco).
Antzezlan guztien kalitatea aipagarria da, baita proposamenen aniztasuna ere. Baina beharbada harrigarriena, zera: benetan ohartzen hastea euskal antzerkiak dituen aukera ugariez eta potentzial ikaragarriez. Egun, itzelezko maila egon badago, eta sekulakoa dator. Sasi guztien gainetik etorriko da betiere, euskaldunon diru publikoa kudeatzen dutenen interes faltari aurre eginez. Orain arte, tiriki-tauki, hutsari kolpeka, titiriteroek eurek atera izan dituzte aurrera harrobi txiki eta oparoak. Aulestiko honek, esaterako, honezkero eman du fruitu ugari, eta oraindik ezin igarri daiteke zenbat emango duen etorkizunean.
Bat (eta huts)
Astebetez bat izan naiz ADELeko talde osoarekin: elkar ezagutu dugu lanean eta aisian, nekean eta atsedenean, pozean eta desatseginean. Bat egin dugu, beti bat etorri ez bagara ere. Elkar lotuz eta elkar askatuz, esku askeen antzera, elkarren gogoa elikatuz eta edanez, arnasa hartuz eta elkarri emanez. Antzerki betekada galanta hartu dut egunotan, eta orain, hustasun sentipen berri batek hartu du nire gorputza.
Apirilaren 23a da gaur. Une honetan, astea amaituta, Aulestiko kale bakarra bakarrik zeharkatzen ari naizelarik, barrutik harro sentitzen naiz; lasai, azkenean. Lotsa hautsi dudalako astebetez, zubia zeharkatu, harrobian aritu, ohituraz ohitu. Gorputzean bilduta daramadan bizipen segida honek kemena ematen dit antzerkiaren bideetan ibiltzen segitzeko. Hemen ezagutu baitut herri ederra lanean, antzerkian ari dena lotsarik gabe. Ez dakit badakizun, irakurle, zertaz ari naizen. Jakin nahi baduzu, badakizu zer egin. | news |
argia-4bfb9a96eaa9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/marketin-sozialeko-erasoaldia-europan.html | Marketin sozialeko erasoaldia Europan | Juan Mari Arregi | 2017-05-07 | Marketin sozialeko erasoaldia Europan
Europar Batasunak zuzentarau eta gomendio multzo bat onartuko du agenda soziala berreskuratzeko. Iragarria zuen halakorik egitea, baina ahaztuta zeukan. Familiaren eta lanaren arteko kontziliazioa hobetzeko lau ekimen daude tartean, baita babes soziala –langabetuak barne–, kontratazioa eta lanegunak hobetzeko neurriak ere.
Merkatarien Europa honetako arduradunak, Kapitalaren Europa, oso kezkatuta daude eskuin muturraren gorakadarekin –orain Frantzian ere bai–, "populismoarekin" eta eurofobiarekin. Beldur dira ez ote duten langile eta herritarren artean eztanda egingo. Ez dira gizarte justu eta berdinago baten bila ari. Ez. Urtarrilean munduko eliteak Suitzako Davosen bildu zirenean ere esan zuten: hazkunde ekonomikoaren etekinak apur bat helarazi behar zaizkio jendarteari, matxinada eta mobilizazioak saihesteko. Horregatik, EBk marketin sozialeko operazioa jarri du martxan. Bere jokabidea zertxobait aldatuko du –apurrak banatuko ditu– eredua berarekin etekinak pilatzen segitzeko.
Globalizazio kapitalistari jarraiki, orain arte murrizketa politikak sustatu eta mantendu izan dira EBn, horrek herritar eta langileentzat dakartzan ondorioekin: multinazionalak gero eta aberatsago diren heinean, langileak deslokalizazioak jasan dituzte, soldatak jaitsi dizkiete, babesgabetasun soziala areagotu da, gazteen arteko langabezia ere bai, prekarietatea, desberdintasuna eta diskriminazioa emakumeen artean... Orain, eskuak garbitu nahi dituzte euren Europarekin jarraitu ahal izateko: kapitalarena. Marketin erasoaldi erabatekoa da! Europa sozialak beste eredu sozioekonomiko bat behar du... gaur egun ez al da halakorik existitzen? | news |
argia-cfb088c5384a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/frantziako-presidentetzarako-hauteskundeak.html | Fronte Nazionala: hondamendia zena normalizatu da | Jenofa Berhokoirigoin | 2017-05-07 | Fronte Nazionala: hondamendia zena normalizatu da
Zundaketek informazio kuantitatiboa ematen badute, ez dute elementu kualitatiborik salatzen. Frantziako lehendakaritzako hauteskunde hauetan omnipresente diren zundaketen arabera Marine Le Pen izanen da bigarren itzuliko galtzailea. Xenofobiari emandako erantzuna, parte-hartzea, Emmanuel Macronen erakargarritasuna, sistema politikoaren sinesgarritasuna... Hainbat elementuk determinatuko dute galtzea porrota ala zaplaztekoa izanen den.
Komunikabideek eta zundaketek asmaturiko eta parte batean eraikirikoa atera zen Frantziako presidentzialetarako lehen itzulitik. Marine Le Penen garaipena behin eta berriz errepikaturik, gehienek zuten haien irudimenean Fronte Nazionalaren (FN) bigarren itzulirako urratsa. "Bigarren itzulian oztopatzeko, parean nor hobe?" ala "zein da gutxien okerrena?" izan ziren anitzen galdera estrategikoak, vote utile delakoa. Komunikabideak eta zundaketak entzunez gero, parean daukan Emmanuel Macron izanen da Frantziako presidente berria maiatzaren 7ko gauean. Lehen zundaketen arabera, botoen %60 eskuratuko luke bere burua ez ezkerreko ez eskuineko daukan hautagai liberalak. Sorpresa txarrik ez ukaiteko merezi du ordea, zifren atzean dagoen errealitateari begiratzeak.
FN normalizaturik
Komunikabideek eta zundaketek eskuz esku egin lanak ekarri du FNren garaipenaren normalizazioa. 2017ko apirilaren 23an ez da egon 2002ko apirilaren 21eko beldurra ez eta kexua. Behin eta berriz errepikaturiko emaitzaren gauzapena irentsi dute herritarrek, daukan zapore txarrari kasurik egin gabe. Ohitzen hasiak direlako. Oroit gara, 2002an lortu zuela lehen aldiz, Jean-Marie Le Penek bigarren itzulirako txartela, parean zuela eskuineko Jacques Chirac. Egiari zor, sorpresa, baina komunikabideek segurtasun-gabezia gaiari eman garrantziari so eginez gero, aurreikusi zitekeena. Aldi honetako lehen itzuliaren biharamunean ez da egon eskuin muturraren mehatxuak akuilatu mobilizaziorik; ez da egon orduan bezain beste FN oztopatzeko
Ez da Ipar Euskal Herrian FNren aldekorik egon ez den herririk
behar gorriaren mezurik. Etsenplu argiena botoen %19,6 bildu duen ezkerreko Jean-Luc Mélenchonek eskuin muturra oztopatzera ez deitu izana. 2002ko lehen itzuliaren biharamunean, izan ezkerreko ala eskuineko, esanguratsuak izan ziren komunikabideen lehen orriak: "Non" Libération -ek, "La bombe Le Pen" , France Soir- ek, "Les leçons d'un désastre" , Le Nouvel Observateur -ek... Halakorik ez aldi honetan; L'Humanité- k izan ezik, gehienek lehenetsi dute mezu informatibo hutsa, arras gustuko duten Macronen aurpegia jarriz lehen orrian. Ez da gehiago ohartarazten FNk dakarren xenofobia. Bigarren itzulian Jacques Chirac atera zen garaile, Jean-Marie Le Pen urrun gelditu zelarik botoen %17,5arekin. Hori erranik ere, berdina gertatuko dela pentsa daiteke.
Porrota ala zaplaztekoa?
Nahiz eta kalean xenofobiaren aurkako mezurik ez zabaldu, aurreikusi daiteke botoaren bidez entzunaraziko dutela. Baina garrantzizko galdera da jakitea porrota ala gaitzeko porrota bilduko duen Le Penek. Eskuin-muturreko hautagaiarentzat porrota eta zaplaztekoa ez delako berdina. %20 ez delako %40. Gerora, benetako garaipenerako bidea irekiagoa luke porrotarekin, baina, hein berean geldituko litzateke zaplaztekoarekin, hots, azkar baina hozka bat ezin pasaz. "Denak dira berdinak" sentimendua edota Macronek irudikatzen duen finantza munduaren errefusa kontuan harturik, Le Pen blokeatzeko pausoa emanen al dute eskuin-muturra nahi ez duten bozkatzaile guztiek maiatzaren 7an? Batez ere, Macronen garaipen argiaren mezua hamabost egunez entzun ondoren. Ala, "dena dela Le Pen ez da pasako, nireak ez du deus aldatuko" ideia lehenetsiko dute. Abstentzionismoaren heinak ukanen du eragina.
Ipar Euskal Herrian beti gora
Alta, emaitzak hor dira, eskuin-muturra indartsu da, aurrekoetan baino indartsuago. Eskuin-muturreko diskurtsoarekin aritu diren François Fillonen (%20,01) eta beste hautagai ezezagunagoen bozkatzaileak ere hor dira. Bost bozkatzaileetarik bat bereganatu duen Fillonek Macron bozkatzera deitu arren, ez dute bere aldeko guztiek behatuko (Gay eta lesbianen ezkontzaren aurka osatu Sens Commun mugimenduak sostengua erakutsi zion Filloni, bigarren itzulirako ordea ez du bat egin Le Pen oztopatzeko deiarekin). 7,7 milioi boz bildu ditu Le Penek, 1,2 milioi gehiago eskuratuz bost urtetan.
Ipar Euskal Herrian laugarren indar atera izanak ez du erran nahi indartuz ez doanik. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako botoen %12,10 bildu ditu, orotara 21.738 boto. Duela bost urte baino 2.271 boto gehiago. 2012an zuen zinezko emendioa egin, bikoituz bere indarra. Izan mendi aldeko herrixka ala kostaldeko hiri, bozkatzaile berriak konbentzitzen segitzen du. Adibidez, Bankan 24tik 28ra pasaz, Ezpeize-Ündüreinen 37tik 48ra, Maulen 150tik 160ra, Donibane Lohizunen 892tik 961era, Baionan 2.485tik 3.068era. Ez da FNren aldekorik egon ez den herririk. Botoak galdu dituen herriak ere badira (Ziburu, Baigorri, Atharratze…), baina orokorki gora doa FN Ipar Euskal Herrian.
Langileria klasea
Anitzek ez dute haien ordezkari ikusten Macron, finantza mundua irudikatzen duen hautagaia, businessmen/womanen eta komunikabide handien laguna. "Sistemaren hautagai"-tzat jotzen du Le Penek eta hala denik ezin uka. Kategoria sozio-profesionalen araberako mapa bi hautagai horien botoen maparekin alderatuz gero, kasik elkarren gainean ezarri daitezke: klase
"Eliteen sistemaren", "terrorismo islamistaren" eta "mundializazio basatiaren" aurkako mezuak dira
Le Penen armak
ertain-altukoen kokagunean nagusitzen da Macron, Le Pen haatik langileriaren kokagunean. "Errepublikak ahantzirikoei" zuzentzen zaie Le Pen, sentimendu hori dutenen arreta ederki lortuz eta kalifikatzaile horren barnean sentiaraziz geroz eta gehiago jende. Langileria du gutxienik konbentzitzen Macronek. Ipar Euskal Herriari doakionez, fenomeno hori ez da baieztatzen: Mélenchon gailendu zaio Le Peni, botoen %19,19 lortuz. Langileria klase azkarreko Maule hirian adibidez, lehen indar atera da, %26,46 lorturik, eta Bokalen berdin, %29,48 eginez.
Kolonia ohietan lehen
Ahantziak izanaren sentimendu bera dute DOM-TOM haraindiko departamendu eta lurralde izendaturiko Frantziako kolonia ohietan. Botoen %21,9 lorturik, lehen aldiz boto gehien bildu duena da FN. Abstentzioa izan da sentimendu honen isla, %53 ez da bozkatzera joan eta horrek ahalbidetu du Le Penen garaipena. Bost urtetan, bikoiztu baino gehiago ditu emaitzak. Inguruko uharteetatik etorri etorkinei erantzun behar dion Mayotten %2,8tik %27,3era igo da bost urtetan FNren emaitza!
Ateak hestearen mezuak lilura sortzen du Frantzian bezainbat DOM-TOM batzuetan. "Eliteen sistemaren", "terrorismo islamistaren" eta "mundializazio basatiaren" aurkako mezuak ditu arma gisa Le Penek. Dakielako gai horietan Macronek kontraeraso eraginkor bat entzunarazteko ahultasuna duela. | news |
argia-3a4f57941cf5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/cabezafuego.html | "Esan nahi dudana ulertzea da nire obsesioa, indie-aren hitz kanpaitsuak ez ditut jasaten" | Iker Barandiaran | 2017-05-07 | "Esan nahi dudana ulertzea da nire obsesioa, indie-aren hitz kanpaitsuak ez ditut jasaten"
Iñigo Garces "Cabezafuego" iruindarrak bizitza erdia darama musika proiektuak sortzen. Half Foot Outside, Mermaid, Basque Country Pharaons, Royal Canal, Bizardunak, Atom Rhumba... Zerrenda bukaezina da. Azken urteotan Cabezafuego izenpean dihardu eta Somos droga bigarren lana kaleratu du, disko-komikia. Umore errealistaz jositako pop kantu biribilak ditu jomuga, etxeko sampler, teklatu zein ezusteko kolaborazioek "zikinduta" eta bere musika ezagutza zabal eta "bizarro"-ari keinu eginez.
Zerk pizten dizu musika egiteko garra? Etengabe ari zara proiektu berriak sortzen...
Musika egitea beharra da niretzat. Ez naiz inoiz idaztera jarri, gorputzak eskatzen dit. Jende zoragarria eta putakumeak ezagutu ditut, jende handiarekin batera jo dut... Geldigorra naiz eta egitasmo askotan sartzen naiz gero itota ibiltzeko. Horregatik orain proiektu gehienak utzi ditut, Cabezafuegotik ezingo naiz joan.
Nola idazten dituzu kantuak? Beti daude presente umorea eta nostalgia...
Nire betiko obsesioa da esan nahi dudana ulertzea. Indie-aren hitz kanpaitsuak ez ditut jasaten, ezta hainbaten poesia hutsa ere. Umorea oinarrizkoa da eta berezkoa dut. Eta nostalgiak ere pisu handia dauka. 40 urterekin, bizi izandakoa gaur egungo kontuez hitz egiteko aingura da; oroimen putzuak gara.
"'Talentua daukazu' esaten zidaten zurikatzaileek kalitatezko koka esnifatu ostean". Zein da abesti batek balio duenaren neurgailua?
Oso kritikoa naiz nire buruarekin. Orain jendeak kontzertuetan nire kantuak abesten ikusteak pozten nau. Sumision City Blues-eko Pelaren hitzak heltzen zaizkit, baina gutxienetakoa da. Aldiz, Señor Chinarroren zuzeneko batean 40 urteko gizon bat negarrez ikustea gehiegizkoa iruditzen zait. Eta gauza bera esango nuke Bob Dylanena balitz. Popa edo rocka dibertimendua da, ez besterik.
Ogibide hau erruleta da: Japonian biran Atom Rhumbarekin, plazak beteta Bizardunak-ekin, kontzertu txikiak...
Nire egunerokoa kontzertu txikiak dira. Japonian bost izarreko hoteletan izan ginen, jendetza kontzertuetan... baina astebetera Galizian jaialdi batean publiko gabe goizeko zortzietan jo behar izan genuen.
Diskoari Somos droga izena jarri diozu eta ez da topikoa esatea Mermaid-en garaian, esaterako, drogak oso presente zenituztela.
Bai. Harrotu egiten ginen, mutil guai eta drogadiktoen posea hartu genuen, eta nolabait funtzionatu zuen ezezagunak izatetik hedabideak guri kasu egitera pasa zirelako. Gure egunerokoa zen: 20 urte, egun erdiko lanak egiten... Eta egiten genuen musikak drogen eragina zuen.
"20 urte pasa ditut rock-and-roll disko guai bat egin nahian eta ez dut lortu. Hortaz, orain disko martzianoa egin dut"
Zer dauka agertokiak?
Ni OHOko 5. mailan txoratu nintzen: playback egiteko etxean nuen Demis Roussos-en single bat aukeratu nuen. Mahaietara igota, belauniko lurrera botatzen... hunkitu nintzen, jende guztia txaloka nuela lehenengoz sentituta, eta sortzen den elektrizitate eta energia hori. Baina kontu handia izan behar duzu, jendeak esaten dizunarekin distantzia hartu. Aldiz, asko pozten naiz gaztetxoek lepoko zaina bistan dutela esaten didatenean Bizardunak gauza handia izan dela, Eskorbutorekin guk bizitakoa gogorarazten didatelako.
Rock-and-roll patroia jarraitzeaz aspertuta zaude...
Rock-and-rolla entzuten dut, ez indie nazkagarririk, ezta zabor emozionalik ere. Baina 20 urte pasa ditut rock-and-roll disko guai bat egin nahian eta ez dut lortu. Hortaz, orain disko martzianoa egin dut eta oso gustura gelditu naiz. Zuzenekoetan, baina, nire pop doinuak rock-and-rollera eramaten ditut.
Diskoa etxean egiteak zerikusirik izan du?
Bai. Dani Uleciarekin (El Columpio Asesino) batera egin dut diskoa. Denbora luzea pasa dugu bion artean lantzen. Elkarte bezala eratuta dugun gure Color Hits! estudioan grabatu dugu; musikari ugari batu eta ezohiko gauzak egiteko gunea da.
Zein helbururekin jaitsi zineten Bizardunak menditik?
Taldea gaztetxotan sortu izan bagenu, erdiak hilik egongo ginateke eta besteak HIESarekin. Koadrilako lagunekin osatu genuen taldea eta hainbatek ez zuten esperientziarik. Koadrila afari handi bat zen, eta mahaiaren bueltako eztabaida gordinak musikara pasatzen genituen. Ikaragarri ondo pasa genuen.
Tradizionalistak deitu ohi zaituztegu, baina azken hamarkadatan euskal eszenan jaiotako proiektu apurtzaile eta ezohikoenak Nafarroatik etorri dira...
Hemen harrikada galantak sortu dira. Hiri berean Huajolotes, Los Bichos, Jugos Lixiviados, Bizardunak eta abar sortu izana oso berezia da! Nafarrok oso amorratuta gaude, ehunka eta ehunka urte pasa ditugu zapalduta eta, hala ere, oraindik ez gaude otzanduta: Erriberara jaitsi eta hango "bakaladeroak" basapiztituta daude; iparraldean ere antzera; eta Iruñea orain gutxi arte ez zen hiri bat, auzo bakoitza oihan bat zen.
Zer gelditzen da Half Foot Outside taldean musikan hasitako Iñigotik?
Ezta baxua ere, Atom Rhumbarekin Bartzelonan lapurtu zidatelako. Arratsalde osoa komisarietan pasa genuen baxu bat zer zer azaltzen, eta azkenean baxu heavy itsusi bat utzi zidaten.
Orduan bizkarrez jotzen hasi eta modan jarri zenuen.
Joder! Separatistas-en kontzertuetan jende asko haserretu zen! Ikusleen aurpegiak baino nahiago nuen Mikel Bap! eta Felix Buff bateria erraldoiak ikustea!
Horregatik bakarrik merezi zuen Separatistas sortu izana?
Merezi izan zuen egun bakarrean Bonberenean zortzi musikarik inprobisatzen 16 kantu sortu genituelako.
Half Foot Outside haurtzaroa izan bazenuen, Mermaid nerabezaroa eta Cabezafuego heldutasuna. Nolakoa izango da zure musika zahartzaroa?
R Stevie Moorekin txundituta nago. Zorakeri asko egiten dituen zahar bat da. Nahiko nuke putakume samarra den pop musika idatzi eta zuzenean aritu gabe kantuak sarean zintzilikatu.
Askotan komikiko pertsonaiatzat hartu zaitut eta orain komiki-diskoa kaleratu duzu.
David Molina marrazkilari madrildarra izan da sustatzailea. Proposatu zigun Huajolotes-ek TMEO n zuten zintaren antzeko bat egitea Bizardunak-en pasarte eta xelebrekeriekin. Ideia gustatu zitzaigun, pasarteak jaso eta marraztu genituen baina... ez genuen ezer egin. Gerora jai batera gonbidatu ninduen eta han egin nuen topo Mauro Entrialgo, Victor Coyote... eta beste batzuekin; eta nire kantuetan oinarrituta komiki bilduma egin dute. Disko-komikia beraiek sortutako Autsaider Comic eta gure artean kaleratu dugu. | news |
argia-7208f9e63d8e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/fernando-amarica.html | Mundua edertzeko grina | Xabier Gantzarain | 2017-05-07 | Mundua edertzeko grina
Beti egin zait harrigarria zenbat dakiten arteaz politikariek eta bankariek. Denek behar dute izan zaleak… Hauxe zioen 2010ean Xabier Iturbe Kutxako Lehendakariak, Donostiako Boulevard aretoan eskaini zioten erakusketaren katalogoan: "Inpresionismotik gertu egon arren, zaila da Amarica talde artistiko zehatz batean kokatzea. Adituek ere, Amaricaren lan lasai eta zintzoak ikusita, ez dute sailkatu nahi izaten".
1900. urtean Parisen egon zen eta han ikusi zituen azken joerak, inpresionismoa tartean
Iaz bete ziren 150 urte Fernando Amarica Medina jaio zela (Gasteiz, 1866ko ekainaren 1a - Gasteiz, 1956ko azaroaren 6a), "giro zoriontsuan", berak esatera. Abokatu ikasketak egin zituen Valladoliden, bukatuta zituen 21 urte bete orduko, baina ez zuen sekula abokatu lanik egin. Aita baino 23 urte zaharragoa zen osaba hil zitzaion, txera handia ziona, eta hark utzitako diruekin bizi ahal izan zen artera erabat emana.
1893an hasi zen munduan besterik ez balego bezala pintatzen. Erroman egon zen 1895ean, eta bidaia egin zuen Italian zehar, egonaldia aprobetxatuz. 1898an Madrilen egon zen, Sorollaren ikasle; ordukoa du luminismoa, seguru asko. 1900. urtean Parisen egon zen, Erakusketa Unibertsala tokatu zen urtean, eta han ikusi zituen azken joerak, inpresionismoa tartean.
1903an Parisko Saloira aurkeztu zuen hemen ageri den koadroa, Iraileko arratsaldea Zadorraren ertzean , eta hautatua izateaz gain, laudorioak jaso zituen; Espainiako Prado Museoarena da gaur egun.
Luze bizi izan zen, eta halakoxea utzi zuen produkzioa ere, zatirik handiena bere izena daraman fundazioaren esku. Paisaiak margotu zituen batez ere, argia du gaia beti, leku eta une bakoitzaren bakartasuna, berezitasuna, tonuak, koloreen ederra, unearen bizia... Hilabeteak edo urtaroak aipatu ohi ditu izenburuetan, hemengo honetan bezala. | news |
argia-5f05ed185c65 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/gure-baitako-demokrazia.html | Gure baitako demokrazia | Inma Errea | 2017-05-07 | Gure baitako demokrazia
Garai batean, arrunta zen izen bera ematea familia bereko seme edo alaba bati baino gehiagori. Jakina, gero bazekiten moldatzen bereizteko, adibidez, izen bereko bi semeak: Juan txiki eta Juan handi deitu, eta fini! Orduan, banakoak eta banakoen aferak ez ziren gaur bezain muntadunak.
Egun, pentsaezina da halako zerbait gertatzea. Gure gizartean, indibidualismoak garrantzi handia hartu du, eta toki handia egiten diogu –handiegia– banakoen egoari jardun sozialean.
Demokrazia guztion aferez erabakitzeko modu bat da, non guztien iritzia berdinki hartzen omen baita kontuan –hala dator definituta euskarazko Wikipedian–. Teorian hala izanagatik, gaur egun gure inguruneko demokrazia ordezkatzaileetan herritarrok, oro har, gure ordezkariak aldian behin hautatzera daukagu mugatuta gure eragina, guztion aferak erabakitzeko orduan. Banako gisa, oso inportanteak omen gara, baina afera kolektiboetan daukagun indarra ez da beharko genukeen bezain handia.
Azkenotan, ugaldu dira aldarriak eta bultzadak herritarron partaidetza (erreferendumak eta bestelako prozesu partizipatiboak) areagotzeko, eta hori ona da lau urtean behingo hauteskundeetan parte-hartzearen langa gainditze aldera. Dudarik ez dago, norabide hori da egokiena aurre egiteko demokrazia urardotzen duten fenomenoei –lobby ekonomikoen presioei, kasu–.
Baina nago ez dugula aski horrekin.
Herritar batek erakunde batean kargu bat hartzen duenean, zoriondu egiten dugu. Ez dakit, ordea, jokaerarik hoberena den. Egokia da, dudarik ez, zori ona opatzea haren jardunean, baina zoriontzeak aditzera eman dezake sari bat irabazi duela, zor zitzaion merezimenduzko sari bat, eta kargua hartzeak hartzailea handi(ago) bihurtzen duela.
Eta kargu publiko bat –beti, izendapenezkoa izan edo administrazio-karrerakoa– ez da sari bat, baizik eta herritarrei zerbitzu egiteko (lan)postu bat. Eta zerbitzu egiteko postu bat denez, ardura bat darama berekin, herritarrei ahalik eta hobekien zerbitzu egiteko ardura, eta horregatik egokiagoa iruditzen zait, inork halako kargu bat hartzen duenean, pertsona horri eskertzea –ez haren egoa hanpatzeko, baizik eta ohartu dadin hartu duena ardura dela, eta ez saria!– ardura hori –errepublikan (res publica-n, ororen gauzetan) aritzeko erantzukizuna– hartu izana, herritar arrunt izatetik herritarren zerbitzari izateko urratsa egin izana.
Gure baitan pentsamolde hori errotuz gero, gertatzeko zailagoak bihurtuko genituzke, adibidez, ustelkeria bera eta, batez ere, ustelkeria onartzeko jaidura. Demokrazia sakonagoa izanen litzateke, helduagoa, osatuagoa. | news |
argia-ea74b8a29a66 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/letra-larriz.html | Letra larriz | Aiala Elorrieta Agirre | 2017-05-07 | Letra larriz
Letra larriz idatzita datorrenean oso diziplina serioa da Ekonomia. Gogoan dut oraindik zelakoa izan zen lehen gerturatzea zientzia honetara. Institutu garaian arbelean irudikatu ziguten grafiko hura, Ekonomian murgiltzeko lehen gezur handia izan zen. Erdigunean kokatuta zeuden merkatu eta enpresak, ekonomiaren eta beraz, munduaren jaun eta jabe ziren. Enpresak aberastasunaren sortzaile ziren bitartean "familiek" beste bi eginkizun betetzen zituztela erakusten zigun irudiak; lantegientzat eskulana alde batetik, eta kontsumitzaile bestetik. Itxura batean kaltegabea zirudien grafikoaren bitartez, Ekonomiari posizio faltsu batetik begiratzen hasi gintzaizkion. Lehendabiziko egun hartatik arrakalaz betetako mundu bat eraikitzen hasi ginen.
Lehen iruzur hau, gezur gehiagoz elikatuz joan zen. Fakultatean Ekonomia ortodoxo eskola ordu asko irentsi behar izan genituen, eztarrian trabatu zitzaizkigun eredu makro eta mikro zorrotzak, formula potoloak eta funtzio matematikoak. Urteak igaro ziren Ekonomia hura hankaz gora jarri eta bestelako bat eraikitzen hasteko. Unibertsitateko bigarren urtea izango zen Marxismoaren teoriak ailegatu zitzaizkigunean. Erne kapitalismoarekin, mingarria da eta! Egun hartan ere, grafiko bat erabili zuen irakasleak Kapitalak lana zelan esplotatzen duen azaltzeko. Kapitalismoak lana, langilea, eta beraz gizona zelan desjabetzen zuen ikusarazteko. Lana, lana, lana, gizona eta lana, Artzeren poesiaren erritmoarekin bat.
Berriz ere urteak pasa ziren Marxek salatutako esplotazio hari beste dimentsio bat emateko. Ekonomia feministaren lehen arnasak graduko ikasketen ostean heldu zitzaizkigun, masterreko eskoletan. Ikuspegi feministak ikusarazi zigun, Kapitalismoak lantegietako gizonez gain, etxeetako emakumeak ere esplotatu eta desjabetu egiten dituela. Alegia, Marxen terminoak erabiliz,
Ekonomia feministaren lehen arnasak graduko ikasketen ostean heldu zitzaizkigun, masterreko eskoletan. Ikuspegi feministak ikusarazi zigun, Kapitalismoak lantegietako gizonez gain, etxeetako emakumeak ere esplotatu eta desjabetu egiten dituela. Alegia, Marxen terminoak erabiliz, Kapitalismoak langilea merkatuan esplotatzen duen era berean, unitate domestikoa ere esplotatu egiten duela
Kapitalismoak langilea merkatuan esplotatzen duen era berean, unitate domestikoa ere esplotatu egiten duela. Eskola horietan ere hainbat irudi izan genituen lagun eta guztien artean, Iceberg itxurako hura dut gogoan. Icebergaren tontorra begi-bistan dagoen ekonomiaren esparrua da, ekonomia produktiboa. Zatirik mardulena, erabat ikusezin, urpean gordeta dagoena da eta merkatuz kanpoko ekonomiaren esparru horiek dira sakonean, Bizitza sostengatzen dutenak. Letra larriz, izan ere, Bizitzak zaintzeko gai diren ekonomiez ari gara. Kapitalismoa Bizitzaren aurka baitoa eta gatazka, Amaia Pérez Orozcoren hitzetan, Kapitala eta Bizitzaren artean dago.
Ekonomiako lehen eskola hartan sostengaezina den mundu bat marrazten hasi ginen irudi soil batean oinarrituta. Xalo eta neutrotzat saldu ziguten epizentroan, jainkoa bailiran, merkatuak zituen irudi hura. Egitura sozioekonomiko horretan, helburua kapital metaketa izanik, ez da bizitza eta lurra zaindu beharraren arrastorik inon ageri eta ez dago Kapitalismoak eragiten duen kaltearen inongo arrastorik. Antza denez, mundu horren arrakalak ikusi ahal izateko ezinbestekoa da krisialdiak nozitzea, zaintza eta klimaren krisiak pairatzea. Bestela, ez gara gai sinesteko Kapitalismoak lana, gizona eta unitate domestikoak esplotatzeaz gain, ama lurra ere esplotatzen dituela.
Garrantzitsua da mundua nola begiratzen eta ulertzen dugun, horrek baldintzatuko baitu mundu honetan nola biziraungo dugun. Gai larria ere, Ekonomia zelan eraikitzen dugun gure iruditerian. | news |
argia-3349200df22a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/gorrotoa-modan.html | Gorrotoa modan | Rosa Maria Martin Sabaris | 2017-05-07 | Gorrotoa modan
Gorrotatzaileak. Hater izena dute orain. Marketineko txerpolarien ele-meleak liluratuta, honela izendatzen dute euren burua. Ondo dakitelako izatea ez dela nahikoa, eta gaur izana iragartzeko, izena baino, marka da behar dena. Eta honela diote: " Hate -a gustatzen zait", " haterra naiz", " hatea irakurtzen dut".Sentimendua bokazio, afizio edo lanbide bihurtuta.
Soyunapringada , Youtuben marka guztiak apurtzen dituen marka da. Lehen aldiz entzun nuenean, zur eta lur geratu nintzen. Hitzik gabe, kontraesanez betetako zurrunbilo batean harrapatuta: canon, arau, estilo eta gustoen aurkako eraso nazkagarri eta zakarra batetik, baina… zein ondo ulertu nion Mr. Wonderful aipatu zuenean, zenbat egia berba zantarren artean.
Mr. Wonderful edo positibismoaren diktadura. Derrigorrezko alaitasuna, agindutako baikortasuna. Yes-we-can sartu ziguten buruan, eta sinistu egin genuen. Gure seme-alabei, gure gazteei, etxean, kalean, ikasgeletan… Mundu guztiak posible direla irakatsi diegunean, ondo egin dugu utopiako bandan gindoazelako, ameslari. Baina… ez genituen behar bezala prestatu porrotak, galerak eta damuak etorriko zirenerako.
Gorrotoak batzen omen gaitu. Gorrototik amodiora urrats bat baino ez dagoelako leloari eutsiz, Hater izeneko aplikazioa atera berri dute: antzeko zaletasunen ordez, kideko gorrotoak dituztenen artean bikotekidea bilatzeko tresna
Motibazioaren errezeta-liburuak eta ikastaroak nonahi: umeen arreta erakartzeko, lankideak bizkortzeko, bikotekidea irabazteko, norbere burua asetzeko, adiskideak mantentzeko eta irakurleak eta ikus-entzuleak ez galtzeko. Gehiegizko motibazioaren ostean, positibismo betekada gorroto dutela diote. Eta gorroto hori ez da sufrimendu ikaragarriaren ondorioa, gehiegizko desioak eta itxaropenak alferrik galtzearen emaitza baizik. ETB1ek Asko gorroto zaitut telebista saioa estreinatuko zuela irakurri nuen duela urtebete, baina ez dut inoiz ikusi. Ez dakit eman den ala ez, gezurra den ala ez, gorrotoari beldurra izan zioten ala ez.
Gorrotoak batzen omen gaitu. Gorrototik amodiora urrats bat baino ez dagoelako leloari eutsiz, Hater izeneko aplikazioa atera berri dute: antzeko zaletasunen ordez, kideko gorrotoak dituztenen artean bikotekidea bilatzeko tresna. Gorrotoa, amodioaren giltza, haterrak direla harrotasunez aldarrikatzen duten gazte eta ez-hain-gazteen artean. Mundua mundua denetik, gorrotoa eta gorrotatzaile bikainak egon izan ez balira bezala.
Gorroto-delituetatik harantzago, hiperkontsumismoaren garaian, gorrotoa bizitza-estiloa dela sinestarazi nahi digute. Beldurrak eragindako gorrotoa. Bizitza, lanpostua, bikotekidea, etxea… Galtzeko beldurrak eragindako gorrotoa bakarrik senti dezake guzti horiek dituenak. Estiloa eta estilismoa, hori da hater hauen dantza-aretoko gorrotoa. Benetako sufrimendua eta benetako gorroto arriskutsuak ilunpean ezkutatzen dituena. | news |
argia-9f0740452407 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/milioi-erdi-pertsonarengana-iritsiko-dira-herrietako-galdeketak.html | Erabakitzeko eskubidearen jauzi erraldoia | Xabier Letona | 2017-05-07 | Erabakitzeko eskubidearen jauzi erraldoia
Datorren maiatzaren 7an 50 herritako 285.000 herritarrek Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko aukera izango dute. Edo zehatzago esanda, zer nahi duten bozkatzeko aukera: euskal errepublika, independentzia, Espainian jarraitzea…Erabakitzeko eskubideaz egin den inoizko kontsulta handienaren aurrean gaude.
Orain arteko galdeketetan 301.245 lagunek izan dute beren botoa emateko aukera eta horietatik ia %28k eman du berea, 83.350 pertsonak (%95ek) Espainiatik bereiztea bozkatu dute eta %3k bertan jarraitzea. Datorren igandeko galdeketekin, beraz, ia milioi erdi herritarrek erabaki eskubideaz bozkatu ahal izango dute Gure Esku Dagok (GED) antolatutako kontsultetan. Ez dira ofizialak, jakina denez, baina borondate politikoa adierazten dute, eta hori da edozelako izaera konstituziogileren oinarria.
2013an sortutako erakunde honek argi du gaur gaurkoz euskal instituzioek ezin badute halakorik galdetu, beraiek egingo dutela lan hori, noizbait instituzioek egin dezaten, hori baita GEDen benetako helburua. Edozein modutan, ohiko hauteskunde prozesuak alde batera utzita, euskal gizartean izan den mobilizazio jarraitu handienetako baten aurrean gaude, eta hori oso kontuan hartu beharko dute erabaki eskubidearen aldeko zein kontrakoek. Are gehiago Katalunian bizitzen ari den egoerarekin.
Autogobernu lantaldea
Autodeterminazioa, independentzia edo euskal herritarrek erabakitzeari buruzko hainbat ekimen abiatu dira azken hamarkadatan euskal gizartean eta bidean geratu ere bai. Batek ere ez du lortu oraingoaren adinako herritarren inplikaziorik.
Eta hala ere, Gure Esku Dago ez da garaiotako ezaugarri indartsuenetakoa den ziurgabetasunetik libratzen: Zertarako? Unea ote da? Ba al da behar adinako indarrik? Nortzuk? Nola? Giltzarri diren uneetako ohiko galderak dira.
Besteak beste, GEDek lortu du 2.000 pertsona lanean jartzea bere taldeetan, hainbat joera politikoetako pertsonak biltzea ere bai, elkartearen esanetan. Asko da. 2016ko giza kate arrakastatsuaren muinean aldarrikapena festa giroan egin zen, ildo beretik jarraitu nahi izan zen estadioetako ekitaldiarekin, baina ez zen guztiz asmatu eta ez zuen horren zapore onik utzi. Galdeketen olatuek bestelako arrastoa uzten ari dira, besteak beste aldarrikatzetik gauzatzera egin delako.
Ekainaren 10ean GEDek giltzarritzat jotzen duen Herritarren Ituna aurkeztuko du, indar subiranisten gizarte proiekzioan jauzi garrantzitsu bat eman asmoz. Datorren urtean olatuekin jarraituko da eta ura hiriburuetara iritsiko da lehenbiziz. Guztiarekin, besteak beste, Eusko Legebiltzarrean jorratzen ari den autogobernu batzordearen edukian eragin nahi du modu erabakigarrian: onartzen den testuak bildu dezala bere baitan erabaki eskubidea.
Eta ez da zalantzarik une klabea bizi daitekeela autogobernuaren esparruan, Eusko Legebiltzarra Gernikako Estatutuaren erreformaz ari delako eta hori Madrilera eraman dezakeelako gutxieneko adostasunak erdiesten badira. Gutxieneko adostasunak noren artean eta zertarako? Horra hor zalantzaren muinak. Besteak beste, EAJk aukeren artean aipatu du Madrilera eraman aurretik testua EAEn kontsultara eramatea, horrela Madrilek euskal gizarteak zer nahi duen jakingo lukeelako.
Konfiantza eza
EAEko esparru instituzionalean gertatzen ari denarekin, alabaina, euskal gizarteko hainbat sektore sozial eta subiranista uzkur ageri da jeltzaleen jarrerarekin. Azken asteetako ELAren eta EAJren arteko hika-mika gogorrak dira horren erakusgarri. Joxe Elorrieta sindikatuko idazkari nagusi ohiak ere argi adierazi du bere azken liburuan: EAJk orain ez badu prozesu subiranistarik nahi, zergatik tematzen dira besteak horretan? ELAk ez du indar harremanik ikusten horretarako eta ezkerreko indar subiranisten aliantza proposatzen du erabaki eskubidea eta eguneroko borroka sozialak aurrera ateratzeko, aurrera begira uneren batean indar kontserbadoreagoak behartuko dituelakoan, batez ere EAJ.
Lasarte-Orian erabakitzeko eskubidearen alde egindako mobilizazioa. (Arg.: Gure Esku Dago)
Jeltzaleak eraso sozialean eta Madrilekiko bilateraltasunaren eskeman ikusita, ELAri gaitza iruditzen zaio baldintza horietan burujabetza metaketarik egitea. Funtsean, Eusko Legebiltzarreko 75-57 erabaki eskubidearen aldeko gehiengo teorikoa espejismo bat iruditzen zaio, are gehiago Eusko Jaurlaritzako legealdiko lehen aurrekontuei begira EAJk, PSEk eta PPk lortutako akordioaren ondoren. 2016ko azaroan jada, Manu Robles Arangiz ELAren fundazioko lehendakari Xabi Anzak galdera zorrotzak jaurti zituen bere blogean: "Nork emango dio albiste txarra unibertso abertzaleari? ¿Nork esango dio behingoz batuketa abertzalea ezin dela izan estrategia subiranistaren abiapuntu?".
GEDek zailtasun gehiago ere baditu, EAJren sektorerik subiranistena samurrago hurbiltzen zaio, baina alderdian nagusi dena erakartzea gehiago kostatzen zaio, eta horretan sakondu behar du Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkulluren erabakietan eragin ahal izateko. Bistan da, zenbat eta herritar gehiago –tartean jeltzaleak–, eragina handiagoa izango da.
Antolaketarako indarra sumatzen da euskal gizartean, zeresanik ez prozesu subiranistari eragiten dion halako gai batean. Baina bistan da konfiantzarik ez den lekuan gaitza dela konplizitateak eraikitzea, edozelako indar metaketan ezinbestekoa den osagaia, izan nazio eraikuntzaren alorrean, izan burujabetza sozialaren esparruan.
ARGIAren zenbaki honetan doa, eta artikulu honekin batera, EHUko irakasle eta Gure Esku Dagoko idazkaritzako kide den Mario Zubiagaren elkarrizketa | news |
argia-ce054f1141ea | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/gozatu-dosi-txikitan.html | Gozatu dosi txikitan | Xabier Etxaniz Erle | 2017-05-07 | Gozatu dosi txikitan
Liburu benetan bitxia Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak egin dutena; edo egin dituztenak esan beharko genuke, bi liburu aurkeztu baitzituzten aurreko urte amaieran, orain komentatzen ari garen hau eta Pizti poemak , irakurle pixka bat helduagoei zuzendua. Bitxia da liburua poemen sinpletasun eta gustuagatik; eta bitxia irudiek duten garrantzia eta pisua liburuaren diseinuan, poemen ondoan hauek osatuz, edertuz.
Inurriak poema laburrarekin egiten du topo irakurleak orrietan barneratu bezain pronto, liburuaren hitzaurre gisa: "Inurriak. / Inurri tropel bat / orri zurietan barrena / abiatu zen / pausoz pauso / letraz letra / liburu hau idaztera". Eta hizkera hauxe da irakurleak liburuko orrietan aurkituko duena; sinplea, jolas moduan planteatua eta animalia ezberdinen inguruak eraikia. Poema hegodunak ditugu hasieran, ondoren Uretako poemak , Narras-marraz poemak eta Poema orrolariak . Eta aurretik aipatu bezala, protagonista ditugu hontzak, marigorringoak, marrazoa, zapaburua, lehoia, sugea… Estilo oso ezberdinetakoak dira poemak, baita eduki aldetik ere. Sugearena, esaterako, konparaketa bat dugu: "Sugea. / Sudurzuloan suge bat daukat / sigi-saga mugitzen. / Sudurzuloan suge bat / gora eta behera ezkutatzen. / Sudurzuloan suge bat / narrasa bezain bizkorra. / Sudurzuloan suge bat / nirekin doa edonora. / Sudurzuloan suge bat / nik zintz eta amatxok zast!". Beste batzuetan labur, trinko eta tragikoa: "Errepidea. / Igelak zeharkatu du errepidea. / Errepideak zeharkatu du igela". Baina badira herri tradizioaren hitz kateen estilokoak ere: "Beldurra. / saguak katuari / katuak zakurrari / zakurrak otsoari / otsoak eguzkiari / eguzkiak ilargiari / ilargiak saguari".
Irakurtzeko poema aproposak dira; eskolan haurrei, etxean lokartu aurretik… eta irudien bidez gozatzekoak; edo tabernetako pintxoak bezala noizean behin pikatzeko, irakurtzeko eta Mutuberriak irudietan eginiko proposamenetan murgiltzeko.
Aurreko batean unibertsitateko irakasle batzuk bildu ginen haur poesiaz hitz egiteko eta harrituta geratu ziren batzuk dugun eskaintza handiarekin. Urtero hainbat poesia liburu argitaratzen dira eta horrek bilduma nahiko zabala eskaintzen digu; tamalez liburu zoragarri horietako batzuk ia inork ez zituen ezagutzen ( Ilbetea dilindan, Hamabi titare, Irrikaren distira… ) eta agian hortxe egiten du gure literaturak huts; liburu ederrak argitaratu eta gero oihanean galdu egiten direla. Zorionez xomorroek badakite oihanean aurrera egiten; eta liburu honek baldintza guztiak betetzen ditu. Hurbil zaitez eta gozatu, dosi txikitan, Leire Bilbao eta Maite Mutuberriaren xomorro eder hauekin. | news |
argia-312aa94de7e8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/geldirik-egon-ezin-duenarena.html | Geldirik egon ezin duenarena | Jon Aranburu Artano | 2017-05-07 | Geldirik egon ezin duenarena
Bumaye emanaldiaren kronika: Cabezafuego eta Beatriz Sanchez, martxoaren 31n, Gasteizko Apolon, iluntzeko 20:00etan.
Bumaye. Horixe irakur zitekeen karteletan urrunetik. Ze bai, oraindik badago kartelei begiratzen dienik. Hori, eta Apolon zela Triangeluk antolatuta. Azken bi izen hauek nahikoa izan ziren bertara joateko gogoa sartzeko; izan ere, azken aldiko kontzertu sail interesgarrienetakoa ari dira antolatzen Triangeluko lagunak: formatu txikiko kontzertuak, gehienetan akustikoak, taberna baten sotoan, eta entzuleriari isiltasuna eskatzen zaiola.
Kartelera gerturatuta, ordea –ezin Bumaye soilarekin konformatu– Cabezafuego eta Beatriz Sanchez zeudela emanaldiaren atzean irakurri, eta Beatriz ezagutu ez, baina iruindarraren artearen berri bagenuenez, zer espero genezakeen jakin gabe, kontzertuen agendan sartu zitzaigun. Gure baitarako: "Auskalo zer ekarriko diguten oraingoan". Izan ere, ezagutzen genuen bakarra ezin uztarri bakarrera lotu: Atom Rhumba, Mermaid, Basque Country Pharaons, Bizardunak, Royal Canal... horiek dira artista honen beste proiektuetako batzuk. [ aldizkari honetan bertan errepasatu du Iker Barandiaranek haren ibilbidea, musikariarekin elkarrizketan ].
Egon denak badaki Cabezafuego tartean den emanaldietan showa egon ohi dela. Ordena eta logika jakinik gabe taularatzen ditu nafarrak kantuak, komentarioak, dantzak, performanceak... taula gaineko hiperaktibitate batek jota bezala. Kaosa, itxuraz. Inprobisazio kutsuz janzten du dena, eta ziur nago hein handi batean hala dela, eta horrek emanaldi bakoitza ezberdin bihurtzen du, erakargarri. Eta noski, umorea darabil –autoparodia, batez ere– iskina guztietan.
Halakoxea izan zen Apoloko emanaldia ere. Oinarrian, artean argitaratu ez zuen Somos Droga laneko kantuak. Erreproduktoreari play eman, eta teklatuarekin lagunduta jo zituen kantuok. Bere hitzetan, Cabezafuego Benidormen balego bezala. Kantuok irudiz janzten, berriz, Beatriz/Beatroz Sanchez: proiektore baten laguntzaz eta hainbat argazki, jostailu eta bestelako bitxirekin collage moduko bideoklipak eginez, zuzenean. Dotore, benetan.
Kantuetan, hau ere musikariak berak esana, jendearekin sartzen da, nahiz eta maitasun disko bat egin nahi izan zuen. Ez du inor salbu uzten, eta badu, duela urte batzuetako kantu batean zioen moduan, "enperadorea trajerik gabe dago" esateko nahi bat: umorez, parodiaz, eta itxurazko inkoherentzien gainetik –edo azpitik– jendarteari, eta zehatzago, adin jakin batetik gorakooi buruzko kritika zorrotzak egiten ditu. Eta hori guztia kantu eleganteetan. Kaosaren barnean badago ordena.
Kantuez gainera, Beatrizen irudiek Cabezafuegok berez baduenari ukitu are surrealistagoa eman zioten, jostaria. Janzteko modu ezin egokiagoa iruditu zitzaidan. Eta horren adierazgarri ere bada Somos Droga diskoaren aurkezpen bideoklipa berak egin izana.
Errepidean da, beraz, Cabezafuego: Bumaye izenpean, bandarekin, bakarka... Geldirik egon ezin duen artista hau ikusteko aukerarik ez nuke galduko, benetan. Eta errepikatzeko aukera baduzu, zortekoa zu. | news |
argia-fca9f81fee38 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/eleder-aurtenetxe-berbazalea.html | "Bilera gutxiegi egin eta telebista gehiegi ikusten dugu Euskal Herrian" | Jabi Zabala | 2017-05-07 | "Bilera gutxiegi egin eta telebista gehiegi ikusten dugu Euskal Herrian"
Industria ingeniaritzaren barruan enpresa antolaketa berezitasuna egin zuen Eleder Aurtenetxe Pildainek, edo, beraren irakasle batek zioenez, whiskiaren ingeniaritza, enpresak ordezkatzen dituzten ingeniariak hala dabiltzalako, kopa tartean makina handien komertzial lanetan. Enpresa antolaketa irakasle eta teknikari moduan ibili da. Berak, hala ere, jendeen arteko elkarrizketa maiteago eta arazoak konpontzeko autoeraketa nahiago dituen erraztailetzat du bere burua.
Zure kezka eta zaletasuna elkarrizketa ei da.
Sormena eta ikastea dira nire motorrak. Horren barruan elkarrizketa tresna itzel sinplea, erabilgarria eta ederra da. Ahozko adierazpidea idatzizkoa baino maiteago dut. Irakurtzea eta idaztea ere gustuko ditut, baina askoz bide motelagoak dira. Hizketan, pertsonak ezagutzea eta pertsonen arteko zubi lana egitea maite dut. Behin informatikari batek esan zidan hub bat nintzela, pertsona batzuk besteekin harremanetan jartzen dituena.
Zer dira gune irekiak?
Metodo moduan, talde handien batzar luzeak antolatzeko modua da gune irekien teknika ( Open Space Technology ). Autoeraketan oinarritua dago, bizitza etengabe autoeratzen ari delako. Gai konplexu, premiazko eta gatazkatsuen inguruan jarduteko modurik onena denbora luzea hartzea da, egun bat edo bi, eta gaiari lotutako ahalik eta jende gehieni gonbita zabalduta, jarrera ahalik eta kontrajarrienak bildu daitezen. Gune irekietan agenda zuri dago hasieran, jendeak berak osatzen du eta oso teknika emankorra, atsegina eta arina da, elkarrengandik ikastekoa. Gero eta gehiago gara batzar irekien zale, eta Gune Irekiaren Lagunak taldean gabiltza.
Baina egun bilerak optimizatzeko metodo gehienek denbora laburrean emaitza zehatzak lortzea bilatzen dute. Nola uztartzen da hori bilera irekia eta agenda zuriarekin?
Bilerak era askotara egin daitezke, baina demagun gai korapilatsua daukagula, eragile askok jarrera kontrajarriak dituztela, konponbidea premiazkoa dela. Nik ziurtatzen dizut bilera irekiko formatuan egiten badira, eragileak askoz aktiboago aterako direla, merezi izan duela pentsatzen. Konponbidea lortuko duzu? Agian ez, baina beste erara ere ez. Aktore asko eta askotarikoak biltzen badituzu, batzuek besteenak entzunda, ideia berriak atera daitezke eta erantzukizuna dutenek erabaki hobeak hartu ahal izango dituzte, arazoaren konponbiderako hobea izango da. Dena bateratzea eta ondorioak ateratzea zaila izango da, horregatik, askotan kongresuren bat egiten da eta esaten dutenean "honakoak dira ondorioak"... Hori fikzioa da, txostena idatzi duenak edo buruan izan duenaren ikuspegia baino ez, beste parte hartzaileek beste ondorio batzuk aterako dituzte. Bizitzan norabide asko daude eta horrek egiten du ederra.
Bilera asko egiten omen da Euskal Herrian. Ondo egiten ditugu euskaldunok bilerak?
Denetarik dago. Pasioa eta ardura dira ezinbesteko bi oinarriak. Gogoz joanez gero eta bilera ondoren egin beharrekoekin ardura pixka bat hartuz gero, oso emankorra izango da. Bilera gutxiegi egin eta telebista gehiegi ikusten dugu Euskal Herrian.
Bilera handietan bada bere burua entzutera doan figura beldurgarria.
Pertsona hori bakarrik utziko bagenu, arazoa amaituta. Jendea libre da beste nonbaitera joateko, obedientziagatik geratzen dira. Dena hezkuntzari lotuta dago, eskolarena eta gizartearena, eta obedientzia Elizak ezarri digu. Gune irekiko bileretan lege bakarra dago, oin biena: entzuten ari zarenak ez badizu ezer ematen, erabili oinak beste nonbaitera joateko, gune irekietan, aldi berean, beste hainbat bilera egiten dira eta. Derrigorrez egon behar duzun gune formal batean, aldiz, ezin duzu hori egin.
Zer dira i-bilerak?
Ibiltzen egiten diren bilerak. Bulegoan, tabernan-edo bildu ordez, eguraldia lagun, ibiltzen egin ditzakegu bilerak. Mugimenduan jartzen gaitu beste modu batean, sorpresak sor daitezke, bidean lagunak aurkituta. Burua eta, aldi berean, gorputza mugitzea da. Iñigo Retolaza lagunak eta biok ekin diogu Berbaroa proiektuari, galdera honen inguruan: zer egin behar dugu Euskal Herrian elkarrizketaren kultura hobetzeko? Eta astebete eman dugu Ipar Euskal Herrian i-bileraz i-bilera gaian sakontzen.
Berbaz elkarrizketa saioa ere egiten duzu aspaldion Bilbo Hiria irratian. Nola definituko zenuke?
Ordubeteko solasaldiak dira, patxadatsuak, ikastekoak, pertsona ezagutzeko asmoz. Ez dut ezer zehatzik bilatzen. Askotan eremu publikoan mugitzen diren lagunak dira, eta saiora ekartzen ditudanean gehiago ikasteko helburuz nahi ditut ezagutu.
Dokumentazio taktika bitxia darabilzu gonbidatuekin: bazkaltzera gonbidatzea.
Ez naiz kazetaria eta ez dut dokumentazioa bilatzen denbora gehiegi eman nahi. Dokumentazio bazkaria egiten dut, bertan konfiantza hartu eta informazioa jasotzeko. Erraz egiten da hori, eta batzuetan ardoak laguntzen du. Buru-mapatxo bat egiten dut saioa grabatu aurretik, eta gero elkarrizketak bere bidea jarraitzen du.
Buru-mapak aipatu dituzu, eta izen bereko bloga ere baduzu. Zer dira buru-mapak?
Ideiak idatziz adierazteko eskema hierarkizatuak dira, memoria eta sormena laguntzen dutenak. Oso bisualak dira, erdigunean gaia adierazten duen irudi koloretsua dago eta adarrak zein azpiadarrak sortzen zaizkio, gako-hitzekin. Asoziazioek laguntzen digute memorizatzen eta ideia berriak sortzen. | news |
argia-9b779a989862 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/abel-barriola.html | "Jendearen arreta bukatuko da, baina hori azken finean egoa da" | Mikel Garcia Idiakez | 2017-05-07 | "Jendearen arreta bukatuko da, baina hori azken finean egoa da"
38 urterekin eta horietatik 19 profesional aritu ostean, Leitzako pilotariak agur esan die frontoiei. Bolada batez eskuko lesioek kantxatik aldendu bazuten ere, Buruz burukoa, Lau T'erdikoa eta Bikotekakoa irabaztea lortu dutenen klubekoa da Barriola (Retegi II, Arretxe I, Martinez de Irujo, Olaizola II, Urrutikoetxea eta Bengoetxea VI.arekin batera), baina batez ere, jokalari eta pertsona maitatua da atzelaria. Maiatzaren 7an du azken hitzordua zaleekin, Donostiako Atano III pilotalekuan.
Bilbo, Leitza, Iruñea, Eibar… Zer moduz doa despedida-tourra?
Ez dugu enpresak eta biok antolatu, bidean atera den zerbait izan da: hainbat federaziok agur partiduak nahi zituzten frontoi batean eta bestean, eta egia da une hunkigarriak bizitzen ari naizela. Sentimendu asko dago tartean.
Urteotan guztiotan, zaleen errespetua eta miresmena irabazi dituzu, oso pilotari maitatua eta estimatua zara. Hala sentitzen al duzu?
Maitasuna beti nabaritzen da. Pilotan oso polita da txapelak irabaztea, horretarako egiten dugu borroka, baina nire ibilbidetik zerbait aukeratu behar izanez gero, gehien betetzen duena zaleen errespetu hori da, maitasun hori. Asko eskertzen diet eman didaten babesa.
Kontratua luzatzeko aukera zenuen, baina uztea erabaki duzu. Dena ez da dirua…
Ez, dena ez da dirua. Jakina dirua inportantea dela, nik ere gustuko dut, baina horren gainetik beste gauza batzuk daude. Denak du hasiera eta bukaera, eta niregatik lehenengo eta pilotazaleagatik bigarrenik, nire bizitza izan den pilotak merezi zuen momentu onean uztea, goi mailan uztea. Erabaki oso zailak dira, baina naturaltasunez hartu beharrekoak; jakin behar da ibilbide bat bukatzen eta beste norbaiti tokia uzten.
Eliteko kirola uztea eta bizimodua guztiz aldatzea gaizki daramate batzuek. Andoni Imaz futbolari ohiak hala esan zigun: "Famara eta dirura ohitu gara urte askotan, eta bat-batean diru-iturria eten egiten da eta fokuak itzali, ez zara maitatua sentitzen".
Beste alde hori, pilotaren ondorengo bizitza, oraindik ez dut ezagutzen, baina bizitzari aurre egiteko gauza asko irakatsi dizkit pilotak, eta trantsizioa egiteko prest nagoela iruditzen zait. Badakit frontoiak faltan botako ditudala, baina aldi berean oso pozik begiratzen diot etorkizunari. Profesionalki beste lan batean hutsetik hasteak kezka sortzen didan arren, ilusio ikaragarria daukat beste zerbaitetan hasteko. Jendearen arreta bukatuko dela eta telebistan ez naizela aterako? Ados, baina hori azken finean egoa da, eta kirolak pertsona eta pertsonaia ezberdintzen ere irakatsi dit.
"Bizitzari aurre egiteko gauza asko irakatsi dizkit pilotak eta trantsizioa egiteko prest nagoela iruditzen zait"
"Xala pilotari ikusgarria izan da eta amaiera hori ez dut uste ona denik, ezta pilotarentzat ere"
Xala bezala Asperen aurka epaitegietan ikusiko al zaitugu orain?
Ez, arlo guztietan bukaera ona eman nahi diot pilotari, baita enpresarekiko harremanean ere. Kontu horrek pena eman dit, Xala pilotari ikusgarria izan delako eta amaiera hori ez dut uste ona denik, ezta pilotarentzat ere. Beraien artean zehatz zer daukaten ez dakit, lan kontuetan gertatzen diren gauzak dira batzuetan eta espero dut bi aldeentzat konponbide on bat lortzea.
Zuri ere entzun izan dizugu Ligaren funtzionamenduari buruzko kexaren bat edo beste. 2011n esaterako, ezin izan zenuen Bikotekako finala jokatu, lesio batengatik eskatutako atzerapena ez zizutelako onartu. Zenbat aldiz asaldatu zara, Enpresen Ligaren erabakiekin?
Pilotan bakarrik ez, lanbide guztietan daude hobetu beharreko kontuak. Enpresek kirolarioi edota zaleei zuzenak iruditu ez zaizkigun erabakiak hartzea gertatu da, eta ondorioz kexatzea; balio dezala horrek guztiak pilota hobetzen jarraitzeko eta erabakiak hartzerako orduan kirol irizpideek lehentasuna izan dezaten.
19 urtetan, asko aldatu al dira gauzak? Adibidez, eta beste kirol profesionalekin alderatuta, modernizatzen eta egokitzen jakin al du pilotak materialean, prestakuntza fisiko eta psikologikoan… ala tradizioari lotuegi ikusten duzu?
Ez dut uste aurrerapenak eta tradizioak bide ezberdinak eraman behar dituztenik, aurrerapen oso onak egin daitezke tradizio batzuk mantenduz eta beste batzuk ez. Urteotan, pilotaria bera, entrenatzeko modua, prestakuntza fisikoa, elikadura… berdin mantendu dira, baina bai aldatu dira adibidez materiala (pilotak askoz azkarragoak dira orain), eskuen babesa (makina bat tako mota duzu gaur egun) edota osasunari lotuta fisioterapia, ebakuntzak…
Babesa eta fisioterapia hobeak izan arren, lesioak ez dira desagertu.
Kirol profesionalean beti izango dira lesioak, zure gorputza limitera eramaten duzulako eta modu batera edo bestera hausteko aukera gehiago dituzulako. Ezin da esan kirol profesionala %100 osasungarria denik. Eliteko kirolaren parte da eta nik uste kirolaria horretarako mentalizatuta dagoela. Hobekuntzak batez ere errekuperazioan eta errehabilitazioan egin dira.
Tradizioak mantentzeaz ari ginen. Apustuen tradizioari eutsi dio pilotak; mundu arriskutsua ez al da?
Bizitzako plazer guztien moduan, neurria da gakoa eta bakoitzak ikusiko du non dagoen muga. Behin entzun nuen apusturik ez egitea tontoena dela, eta gehiegi egitea, eroena.
Urteotan aldatu ez den beste zerbait: Asegarce eta Asperen esku dago Liga. Enpresa gehiagoren parte-hartzeari ateak ireki beharko al lizkioke eskupilotak?
Zenbat eta enpresa gehiago izan eta zenbat eta irekiago, orduan eta positiboagoa da pilotarentzat. Enpresak ez daude dirua galtzeko eta logikoa ikusten dut enpresek dirua irabazi nahi izatea, baina bai, polita eta onuragarria litzateke merkatua irekiagoa izatea.
"Enpresek kirolarioi edota zaleei zuzenak iruditu ez zaizkigun erabakiak hartzea gertatu da, eta ondorioz kexatzea; balio dezala horrek pilota hobetzen jarraitzeko eta kirol irizpideek lehentasuna izateko"
"Behin entzun nuen apusturik ez egitea tontoena dela, eta gehiegi egitea, eroena"
Pilotak azkarragoak direla aipatu duzu. Espektakulutik gehiago al du pilotak orain?
Pilota azkarragoak helburu horrekin sortu ziren, aurrelariek erremate gehiago eta gantxo eraginkorragoak egiteko. Alde onak ditu eta ez hain onak, adibidez eskuz banaka gaur egun botera jokatzea ezinezkoa da; nahitaez airez jokatu behar duzu. Izango dira zaleak duela 20 urteko jokamoldea nahiago dutenak eta aldiz beste batzuk egungoa gustukoago dutenak, baina lehengo pilota eta oraingoa ez dira hain ezberdinak eta biak ere espektakularrak dira.
Aurten Emakumeen Master Cup txapelketa jokatu da lehen aldiz. Aurrerapausoa, emakumeen eskuzko pilotan?
Dudarik gabe. Lehengoan pilota eskola batean izan nintzen eta neska dezente ari ziren bertan. Poza eman zidan; kirol honetan neska eta emakume gehiago ikustea oso positiboa da bai pilotarentzat, bai gizartearentzat.
Duela 10 urte elkarrizketatu zintuguneko zure hitzak: "Lehiakortasuna tartean denean, lagun minak izatea zaila da". Lagun minik eramango al duzu aldageletatik?
Bai, asko. Normala da irabaztera zoazenean aurkariaren eta bion artean lehiakortasuna sortzea, baina lehiakideak lagun bihurtzen dira gero, eta pilotatik daramadan gauzarik politena hori da: nirekin eta nire aurka jokatu duten kideak, etorkizunean mantenduko ditudan lagunak.
Aldagelez ari garenez, dirudiena bezain euskalduna al da pilota? Euskaraz mintzatzen al zarete zuen artean?
Oro har bai, pilotari gehienak euskaldunak garelako eta euskara dakigunon artean euskaraz aritzen garelako. Azken finean, euskal kirol bat da, euskaldunak elkartzen gaituen kirola.
Barriola 22 urterekin. | news |
argia-7fa03a56153c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/ozeano-ez-hain-barean-galduta.html | Ozeano ez hain barean galduta | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-05-07 | Ozeano ez hain barean galduta
Coruña, 1525eko uztailaren 24a. Zazpi ontzik osatutako espedizioa abiatu zen, Moluka uharteak helburu. Santa María de la Victoria, Sancti Spiritus, Anunciada, San Gabriel, Santa María del Parral, San Lesmes eta Santiago ziren karabelak eta horietako lau Bizkaian eginak ziren.
Molukei Espezieen Uharteak ere esaten zitzaien eta horixe zen espedizioaren xedea. Karlos V.ak han eta hemen piztutako gerrak ordaintzeko diru premia zeukan, Juan Sebastian Elkano getariarrak Ozeano Barera Amerika Hegoaldetik joan zitekeela frogatu berri zuen eta, hala, erregeak berehala agindu zuen diru-sarrera oparoak ekarriko zizkion abentura. Garcia Jofre de Loaisa (1490-1526) gaztelarra zen espedizio burua, eta Elkano bera haren bigarrena. Ez zen euskaldun bakarra; haren hiru anaia Elkanorekin joan ziren, baita beste asko ere: Gebara, Areizaga, Urdaneta, Uriarte, Gorostiaga...
Zazpi ontzietatik bi berehala hondoratu ziren eta hirugarren bat mutinatu eta Iberiar penintsulara itzuli zen. Beraz, lau karabela iritsi ziren Ozeano Barera. Santa María de la Victoria bakarrik iritsiko zen Moluketara. Magallanes itsasartea pasa eta berehala, beste ekaitz batek ontziak sakabanatu zituen eta San Lesmes , nagusiki euskaldunez osatua, betiko galdu zen. Robert Langdon historialari australiarrak The Lost Caravel lanean jaso zuenaren arabera, ordea, ontzia ez zen hondoratu eta marinelek arrastoak utzi omen zituzten Polinesian eta Zeelanda Berrian. XVII. mendean Domingo Bonaetxea getariarrak nahiz Cook kapitainak topatu omen zituzten arrasto horiek: mendebaldeko ezaugarriak bertako zenbait aurpegitan, agur esateko modua, itsasoan orientatzeko metodoak... Eta Bonaetxeak gurutze bat ere ikusi omen zuen.
Espedizioa irten eta urtebetera, 1526ko uztailaren 30ean hil zen Loaisa, eta handik astebetera, Elkano bera. Toribio Alonso de Salazar Enkarterrietako diruzaina izan zen haien ordezko eta irailaren 5ean Lapurren Uharteetara –egungo Marianak– iritsi zen. Magallanesen espedizioko kide bat topatu zuten han, ezustean. Gonzalo de Vigo galiziarra zen, biluzik zegoen, "ilea ipurmasailetaraino" iristen zitzaion eta bertakoen hizkuntza ikasia zuen.
Espedizioa abiatu eta hamaika urtera itzuli zen lehen marinela Iberiar penintsulara: Andres Urdaneta ordiziarra zen. | news |
argia-ca5d642de725 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/kontxi-trigo.html | "Osabaren hezurrak familiaren hobira ekarri baino ez dut gura" | Miel Anjel Elustondo | 2017-05-07 | "Osabaren hezurrak familiaren hobira ekarri baino ez dut gura"
Margolari da, eta ezkerreko militante errebelde, alderdi politikoaren diziplinaren morrontza eraman ezin duena. Hizketan joan, eta, ez bat eta ez bi, kanposantura eraman gaitu zuzen. Hilen artean margolanik ez, hilen memoria bizia besterik.
Margolariaren bila etorri naiz, margo artean izango ginelakoan, eta aldiz, Turtziozeko hilerrira erakarri nauzu.
Amaren neba zaharrena hemen hilobiratua delako, Jose Maria Eletxigerra Matienzo, gure osaba Mari. Oraindik orain jakin dugu, ez ezazu uste. Etxean ez genekien 1937ko abuztuaren 13an hila zela besterik. Ez genekien non, ez nola. Egia esan, nik ez dakit nola sartu zen gerra gure ibarrean. Gure ama zenak eta osaba Jesusek zioten Sopuertan edo Artzentalesen nonbait egon behar zuela osaba Marik, baina egundo ez zuten jakin zehatz non zegoen lurperatuta. Horixe jakin gabe hil ziren biak.
Jose Mari non zetzan ez zekitela.
Amak ez zuen horren gainean txintik esaten. Nahiko drama bada, berez, senidea hil dizutela jakitea, eta are drama handiagoa, berriz, maite duzun hura non den ez jakitea, haren hezurrak bada ere. Kontu horren gainean ama beti isilik, hala ere. Osaba Jesusek esanda jakin nuen nik zer edo zer. Harreman berezia genuen, konfidentziak egiten genizkion batak besteari. Bistan da, osaba hildakoarenak berak kontatzen zizkidan. Esaten zidan Francok anaia hil ziola, 1937ko abuztuaren 13an. Besterik ez.
Zuk besterik jakin duzu, ordea.
Aranzadira jo nuen, osaba gerran hila eta desagertua nuela esanez. Dena den, hori baino lehen hasten da historia. Badira urte batzuk, Durangoko Azokara joan, eta stand bat eta stand bi, letra artean igeri, bilduma bat, Gerra civil en Euskadi, 1936 , eta liburukietako bat parez pare irekia: Jose Maria Eletxigerra Matienzoren izena zekarren orrialde hark doi. "Gure osaba zena!", esan nion neure buruari. Orduan jo nuen Aranzadira, bilduma aipatuz, liburukiaren zenbakia eta orrialdea adieraziz, eta UGT-10 Batailoia, Erreserba ere aipatuz, hau da, liburutik kopiatutako oharra.
Sozialista zenuten osaba Mari.
Ez dakit. UGTren batailoian zegoen, baina ez dakigu ideologiak eraman zuen hara, edo halaxe fortunatu zen gauza, zeren, esate baterako, osaba Jesusinek Abellaneda batailoian egin zuen gerra. Ama ere abertzalea genuen, eta litekeena da Jose Mari ere hala izatea, baina ez dakit, amak ez zuen eta txintik esaten, esan dizut. Tabua zen. Amak ez zuen gaia inoiz haizatu. Inoiz ere ez. Osabak esanda dakit nire apurra.
Durangoko Azokan izaten den liburu eta letra anabasaren artean, zure osabaren izena leitu zenuen.
2011n izan zen. Ahizpa eta koinatua nituen ondoan, eta gogoan dut ahizpak esan zuela: "Hara, gure osabaren izena darama!", eta koinatuak, berriz: "Etxean daukagu-eta entziklopedia hori!". Eta etxera etorri eta berriz leitu genuen. Ez nintzaion segidan lotu gaiari, ordea. Beste nonbait neukan burua. Orain dela urte bi, ostera, Aranzadiko helbidea jakinarazi zidan ilobak, eta eskribitu egin nien, e-postaz. Erantzun ere bai haiek, baina gura ez ditudan mezuen ontzira jo zuen Aranzadiren erantzunak. Halako batean, ahizpak: "Aranzadikoek erantzun zizuten?", eta nik: "Ez. Berriro eskribituko diet". Sartu nintzen postontzira, eta betea nuela ziostan ordenagailuak, mezuak ezabatu behar nituela. Betiko tekela! Ezabatzen hasi, eta gura ez nituen mezuetan, Aranzadirena. Unean bertan erantzun nien.
Zer zioen Aranzadikoen erantzunak?
Hemen, kanposantu honetan bertan datzala. Lehenik eta behin esan zidaten Jose Maria Eletxigerra Matienzorik ez dela inon ageri, Jose Maria Etxigerra baino. Segidan esan nien gure osaba izan behar zela, heriotza-datak bat zetozelako, eta gure deiturak mila eta bat itxuraldatze izan dituelako gure birraitaitaz gero. Aretxederra Sanchoyerto zen hura, Gordexolan sortua. Haren oinordeak, ostera, Etxigerra gara oraingo egunean. Agirietan, bestalde, Aligurra, Adigerra eta beste zenbait perla leituak ditugu. Etxigerra, bistan da, Eletxigerra da, gure osaba Jose Mari zena.
Argazkia: Zaldi Ero.
Dena den, beste zenbait hobiratu ere badira zulo berean.
"Pedro Aldai, Demetrio Ayuso, Casimiro Mena, Jose Maria Etxigerra, Luis Valbuena… 1937ko abuztuaren 13an gerra ekintzan soldadu hilak, 62. hobian lurperatuak". Turtziozeko hilerri honetan, jakina. Eusko Jaurlaritzaren jakinarazpena jasoko nuela esan zidaten Aranzadikoek, eta bai jaso ere handik zortzi egunera. Zeharo hunkitu ninduen osaba non zegoen lurperatua jakiteak. "Gezurra dirudi, bizian ezagutu ez dudan batengatik ari naiz negarrez", niotson neure buruari. Ez nuen ezagutu, baina banuen ezagutu… Amaren isilaldien bidez ezagutu nuen osaba Jose Mari, eta osaba Jesusinen konfidentzien bidez.
Lehen ere esan duzu, "konfidentziak".
Nire kutuna zen osaba Jesusin. Egia esan, uste dut erreziprokoa zela sentimena, haren kutuna nintzela ni. Adibidez, pentsatu ere ez nik gurasoei esatea halako edo halako manifestaziora joan nintzela. Hala ere, amak zer edo zer igartzen zidan, han hasten zen eta: "Manifestazioan izan zarela esan didate…". Seguru nago inork ez ziola ezer esan, baina amatasuna zer den, amak igarri. Osaba Jesusinekin ez nuen ezkutuan ibili beharrik. Hari argi eta garbi esaten nion, manifestazioan izan nintzela kontatzen nion. Bera nuen gauza horietan konfidente.
Zuk zeure konfidentziak osabari, hark bereak zuri.
Bai. Berak, besteak beste, gerra aurretik kantatzen zituztenak kantatzen zizkidan… " Si a tu ventana llega Sabino Arana, trátale con cariño que es bizkaitarra. Si a tu ventana llega Indalecio Prieto, dale dos estacazos, que es maqueto ". Eta gauzak zer diren, amak bizian ez zidan horrelakorik kantatu, baina hil baino hilabete, bi hilabete lehenago, osabak kantatu izan zidana kantatzen hasi zitzaidan. Inoiz entzun ez niona. Osaba oso zen kantaria. " Si vas al monte Artxanda, no pises las chiribitas, que están regadas de sangre nacionalista ". Aitak ez zuen horrelakorik kantatzen, jakina, aita espainola zen eta, baina ez ohiko espainola. Ez nuke esango. Nik, berriz, espainoltasunetik ez baina abertzaletasunaren adarretik jo nuen, kausa galduen abokatu, beharbada.
Kantuak kantu, hemendik atzera, zer?
Hezurrak bertatik ateratzea, ahal bada, eta legeak horretarako baimena ematen badu. Horretan ari naiz, ahaleginak egiten, Eusko Jaurlaritzaren Gogora Memoriaren institutura eta Aranzadira. Gura nuke gure osaba zena erbestean egon beharrean, auzo herrian, familiarekin batera atseden hartzea, Ahedoko San Migelen parrokian, non jaio, jaunartzeak egin, ezkondu eta hil baitira amaren aldeko nire arbaso guztiak. Ahedon dira, bestalde, nik maite ditudan guztiak: gurasoak, osaba Jesusin, anaia, koinatua… Denak.
Oztopoak ere izango dira horretarako, ezta?
Hobi komun mordoa dago hemen, eta Eusko Jaurlaritzaren murrizketak ere mordoxka dira. Ezetz diote, baina bere horretan dira murrizketak… Ni, neure aldetik, Aranzadikoei esanda nago, prest nagoela behar den lekura joan eta DNA frogak egiteko. Hala ere, leituta nago senideen artean egin litezkeen frogak zertan diren, eta nonbait, aitaita-amamen eta biloben arteko DNAk konparatu ahal izateko arrak behar dira, ez du balio arra eta emearen arteko konparatzeak. Hori leitu nuenean, ingudearekin buruan jo banindute bezala sentitu nintzen. Jota utzi ninduen hori jakiteak. Aukeran, kasik gurago nukeen Turtziozeko hilerri honetan datzala jakin izan ez banu. Hain hurre, batetik, eta hain urrun, bestetik, antsietate atake moduko bat izan nuen. Besterik da hobi komun honetan lurperatuta dagoen osaba Mariren hezurretako DNA haren anaia Jesusenarekin konparatzea, nahiz eta horretarako lurpetik atera beharko litzatekeen gure osaba Jesusin. Kasua hori balitz, badakit ez nintzatekeela bertan egoteko gauza izango, badakit.
Argazkia: Zaldi Ero.
Orduan bai, bakea izango zenuke?
Orduan, familiakoak hilerri honetan batu, fusilatuen memoria lantzen ari direnak gonbidatu, Aranzadikoei ere kasu egin, eta omenaldi xume bat egin. Osabaren hezurrak familiaren hobira ekarri baino ez dut gura. Orduan, kito. Seguru nago, dagoenean dagoela ere, gogo onez ikusiko lukeela hori osabak. Amak ere bai, nahiz eta ez zuen esango.
Historia bildu dugu Karrantzan, gero. Ezezaguna zaigu beti Karrantza.
Karrantzaren gainean ez da berbarik egiten, ez bada zerbait oker gertatu delako, negatiboa. Positiborik gutxi entzuten da Karrantzaz. Txarrago zen lehen, hala ere… Ahaztuak gara, Karrantza, eta Enkarterriak oro har. Ez dakit garraiobide kontua den, bakarrik. Hori ere bai, seguru. Esan dizut amak ez zuela askorik kontatzen, baina berak esanda dakit gerra aurrean etxe ondoan genuela batzokia, mitinak egiten zirela, eta haietan esaten zutela tunel bat egingo zutela, Karrantza Balmasedarekin lotzeko. Kolitxa mendiaren mazela batean duzu Karrantza, eta bestean Balmaseda. Kolitxa zulatu eta biak lotzea zen orduko mitinetan esaten zutena. Lekutan! Mantsoagatik egingo zuten gaur, baina laurogei urte baino gehiago joan dira gerra aurreko mitin haietatik, eta hemen gara oraindik, bigarren ez, hirugarren edo laugarren mailako errepidea dugula. Zallatik Bilbora autobia egin dute, bai, baina Zallatik hona ezer ez. Administrazioak zeharo ahaztuak gauzka.
Erakargarririk ez ote da Karrantzan? Halako ibar ederra eta.
Hondatuta ez dago, ez. Aski ukitu gabe dago. Eta Pozalaguako haitzulo ikusgarriak ere hor dira beti. Zoragarria zen –zoragarria da oraindik–, baina harri mordoa atera zuten bertatik, anfiteatro bat egiteko. Laserrez ebaki zuten harria. Udan, musika jaialdia egin zen bertan. Pizten zituzten argiak halako moduan, non sekulako efektuak egiten baitzituen harrietan: batean, ahari baten burua ikusiko zenuen; bestean, izaki desitxuratu baten ahoa. Anfiteatroa egin zuten –gauza gris bat, hotza–, Francoren Erorien Harana ekartzen dit gogora. Are gehiago esango dizut, uztailak 18 zuen egun batez ireki zuten, eta beraz, ez nintzen inaugurazio ekitaldira joan. Badira data batzuk oroimenean iraun behar dutenak, eta uztailaren 18an ezer inauguratzea gustu txarrekoa iruditzen zait. Guztiarekin ere, ikusgarriak dira haitzulo Pozalaguakoak.
Ustekabea izan dut oraingo Kontxi Trigo Eletxigerra, edo Aretxederra. Non da zure baitako margolaria?
Tokitan. Trementina esentzia mordoa esnifatu beharko nuke berriz margotzen has nendin. Aita hil zitzaidanean, 1999an, barrutsik geratu nintzen. Ondoren, ama zaintzeari lotu nintzaion, 2006an hil zen arte. Orduan, are eta hutsago nire barrua. Eta barrua hutsik duzula, zer margotu behar duzu? Ezin ezer margotu. Osaba Jesus hil zenean ere bolada egin nuen margotu gabe. Halako batean, pintzelak hartu, margotzen hasi, eta iluna zen nagusi nire margolanetan. Altzariren bat berriztu, horixe egiten dut orain lantzean behin, baina margotu, mihisea zikindu, kolore eman? Ez. Trabatuta geratu naiz. Ez da delitua?
Artistak ez margotzea delitu den heinean.
"Artista" hitz handia da, letra larriz eskribitzekoa. Gogo onez hartuko nuke artista izatea, baina horretarako asko baino gehiago landu behar da margolana, eta nire kasuan urteak dira margolanik lantzen ez dudala, ez asko, ez gutxi: batere ez. Hutsik nago, eta hustasunak leku asko betetzen du. Ez duzu uste? | news |
argia-faa640b210b7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/ipurtargiak-etxera.html | Ipurtargiak etxera | Jakoba Errekondo | 2017-05-07 | Ipurtargiak etxera
Maiatz ederrari ekin diogu. Konturatzerako bero sapa azaleratzen diguten urteko egun luzeenetan gara. Urteko gau motzenak izango dira orduan, baina ikuskizun paregabea eskaintzen dutenak. Ez naiz ari jai txolinenei adarrak ipintzen dizkieten su-festa zalapartatsuez. Isilagoak dira ipurtargiak.
Ipurtargiak kakalardoak dira, eta ehizatu nahi dutena erakartzeko edo bikotea limurtu eta hurbiltzeko gogoa pizteko, ipurtaldeko azalaren azpian oxidazio baten bidez argi kimiko hotza sortzen dute, bioluminiszentzia. Agidanean, 2.000 bat espezie ipurtargi dago munduan, eta bakoitzak bere argi frekuentzia eta piztu-itzali segida erabiltzen ditu. Hezetasuna dagoen tokietan ugariagoak dira, bertan jaki gehiago aurkitzen baitute.
Argi hotzeko dantza bero horren ondoren, emeak lurpean erruten dituen arrautzetatik jaioko dira ipurtargi kumeak. Goseak amorratzen jaio ere. Beldarrak, harrak, barraskiloak eta bare txikiak edo bare-sitsak dira haren jaki gustukoenak. Taktika aparta du: aurkitzen dituenean jariakin baten bidez paralizatzen eta atxikitzen ditu, bitartean jariakin horrek berak biktima barrutik digerituko du, gero ipurtargitxoak behar duenean lasai ederrean jan dezan.
Ingurune aberatsaren adierazle dira ipurtargiak. Gero eta ipurtargi gutxiago ez al duzu ikusten? Eta gero eta har, barraskilo eta bare gehiago? Zure ingurunea gero eta ekologikoki eskasagoa dela esan nahi du horrek. Ipurtargien atzerakadak arrazoi ugari izan ditzake: intsektiziden erabilera harroa, gaueko argitasuna ugaritzea, hezetasuna urritzea...
Ipurtargiak inguratzeko ekin. Gaueko argiak itzali. Intsektizidarik ez erabili. Polena ere jaten dutenez, lore aukera zabaldu. Iturri edo putzu edo aska, ura jarri eskuera. Uraren ingurua ahal den eta naturalena eduki, "garbitu" gabe: basa edo lokatza, adar eta egur puskak, belarrak eta landareak bere horretan utzi bertan. Zuhaitz garaiak mantendu.
Japonian "Nazio Altxor" izendatua dute ipurtargia, kultur monumentu handienen parekoa, alegia. Tokitan dago gure kultura... | news |
argia-ff7cd35e3b8a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/mario-zubiaga-ehuko-irakaslea.html | "Burujabetza sozialerako indar metaketa eta Gure Esku Dago ez daude kontrajarriak" | Xabier Letona | 2017-05-07 | "Burujabetza sozialerako indar metaketa eta Gure Esku Dago ez daude kontrajarriak"
EHUko irakaslea da Mario Zubiaga, euskal nazionalismoa eta erabaki eskubideari lotutako gaietan aditua. Aldi berean, Gure Esku Dagoko idazkaritzakoa ere bada. Euskal gizartea erabaki eskubideari buruzko horren une esanguratsua bizitzen ari den honetan, bere begirada bereziki da interesgarria.
Nola baloratzen dituzu orain arte herrietan izandako kontsultetako emaitzak?
Halako galdeketetan oso erraza da beste edozein galdeketako parte-hartze markoa erabiltzea, eta hortik ateratzea oso zaila egiten zaigu. Vocentoko medioek, adibidez, etengabe azpimarratzen dute kontsulta hauetan parte-hartze txikia izaten ari dela. Gure Esku Dagoko herrietako kideoi ere zaila egiten zaigu parte-hartze datu horretatik ateratzea, %22, %25, %27… eta orduan, herri askotan gero etsipena sortzen da: "%25 bakarrik?". Horregatik, aldaketa kualitatiboa baloratuko nuke lehenik: zer ibilbide egin da kontsultara iristeko? Zer suposatzen du horrek herrian? Zein neurritan bildu dira ikuspegi subiranista duten herri bateko herritarrak? Zein transbertsalitate mailarekin?
Gure Esku Dagon bultzatutako galdeketetan tranbertsalitate hori garrantzitsua izaten ari da herri guztietan. Artekaritza lana ere hor dago, desmobilizatuak eta deslotuak dauden sektoreak mobilizaziora ekarriz eta oso ekintza zehatzera: hau da, kontsulta batean ezezagun bati –ez baita ofiziala– zure datuak ematen dizkiozu eta zer nahi duzun adierazi.
Alde kualitatiboaren neurgailu bat da Ardanza lehendakaria botoa ematera joaten ikustea?
Bai, izan daiteke. Gure Esku Dago lan dezente egiten ari da erabaki eskubidearen inguruan alderdi guztien iritziak jasotzeko. EAJren kasuan, besteak beste, Xabier Barandiaran, Elixabete Piñol, Iñigo Iturrate, Josune Gorospe… aritu dira hitzaldietan. Baina zalantzarik gabe erreferentzialtasun berezia dute lehendakariek: Jose Antonio Ardanzaren bozka eta, batez ere, Juan Jose Ibarretxeren etengabeko konpromisoa erabaki eskubidearen alde.
Alor kuantitatiboaz zer balorazio egiten duzu?
Herri ekimen batetik abiatuta, erroldaren %25etik %30erako parte-hartzea lortzea izugarrizko arrakasta da. Kontu hauei buruz dakienak badaki hori. Madrilgo Udalak antolatzen du halako kontsulta bat eta ez da %5era iristen. Sevillako Udalak galdeketa antolatzen du Sevillako Feria luzatu nahi den hala ez jakiteko eta ez da %6ra iristen. Estatu oso baten tresneria guztia galdeketa baten zerbitzura jarrita ere ozta-ozta gainditzen da %50a. Katalunian orain indarrean dagoen estatutuak %48ko parte-hartzea izan zuen.
Har dezagun adibide zehatz bat, Tolosa. Iragan udal hauteskundeetan lehia sekulakoa izan zen EH Bilduren eta EAJren artean eta azken zokoetan ere miatu zen boto bila: 9.000 boto izan ziren. Orain erdia lortu da Gure Esku Dago taldean 10 lagun ari direnean lanean. Itzela da!
Zuk idatzitako Excepción compartida –Salbuespen partekatua– artikuluan honako galdera egiten duzu hasieran: "Une konstituziogile batean gaude ala indar metaketari ekin behar zaio eta denbora hobeagoei itxaron?". Non gaude?
Galdera hori egiten diet estatus politiko berri bat ekarri nahi duten eragile politikoei. Sumatzen dut ikuspegi subiranista duten alderdi eta sindikatuek uste dutela oraindik ez dela unea makina subiranista abian jartzeko. Ezker abertzalea aurreko zikloa ixten ari da oraindik eta, besteak beste, barne berrantolaketa egiten ari da. EAJn ziurrenik zalantzak daude ataka honi aurre egiteko unean: Jauzi subiranistarako unea al da? Arriskuan jarriko al dugu daukaguna autogobernu maila handiago bat lortzeko? Oro har, Katalunian zer gertatzen denari begira daude, eta gero gerokoak.
Dena den, aldi berean, EAJren baitan ere badira uste dutenak dagoenari eusteak ez duela bermatzen autogobernuaren gutxieneko garapena.
Iritzi horiek ez dira ikusten edo gordeta daude.
Une honetan EAJk zortzi pistako zirkua nahi duela esaten badio, Estatuak baiezkoa emango dio. Eta horri ezetz esatea gogorra egiten zaio orain arte nagusi izan den pentsamendu jeltzaleari. Estatuaren klabea beti da bera –divide et impera–, eta kasu honetan ez dabil soilik abertzaleen arteko zatiketa elikatzen, Katalunia eta Euskal Herriaren artekoa ere bai. Eta otzantasunaren truke jasotzen ari diren opari horien alternatiba, oraingoz, proiektuak eta hipotesiak besterik ez dira, osagai materialik gabe. Dena den, aldi berean, EAJren baitan jakitun dira, erabakitzeko eskubideak bakarrik berma dezakeela etorkizuneko autogobernua eta, ondorioz, Gure Esku Dago moduko proiektu bat ezinbestekoa dela: "Bai, oso ondo dago trena, baina jendeak erabaki eskubidea ere eskatzen du".
Nola ikusten duzu indar subiranisten inplikazioa erabaki eskubidearekin?
Galdeketekin hasi zenetik Gure Esku Dago pixkanaka beste indar batez ari da sartzen agendan. Dagoeneko ez da soilik giza katearekin lotutako bizikidetza, elkarrekin aritzea, giro ona sortzea gizartean, alaia… Dagoeneko indar subiranistek sumatu dute Gure Esku Dagok bide orri bat duela eta, Katalunian bezala, gure agintari politikoekin batera agenda bat osatzeko nahia dagoela. Dagoeneko, 100.000tik gora lagunek esan dute herri bezala erabaki nahi dutela. Badirudi GEDen asmoa mandatu demokratiko hori indartuz joatea dela, bai galdeketen bidez eta ekainetik aurrera Herritarren Itunaren bidez ere bai.
Datozen bi urteetan Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak oinarri batzuk finkatu behar ditu eta hortik estatutu berri baterako proposamena atera liteke. Ez bada ezer egiten hor aterako dena bakarrik parlamentuko indar harremanen fruitu izango da, eta egungo Eusko Legebiltzarrean erabaki eskubidearen aldeko indar harremana ez da oso argia. Erraza izan daiteke PSErekin eta Ahal Dugurekin oinarri lauso batzuk finkatzea, gehiegi lotuko ez dutenak, eta testu artikulatua ere Madrilek onar dezakeen testu artikulatua izatea. Batzuek ez dute inoiz errepikatuko Ibarretxeren ibilbidea, eta Madrilera badoaz onartzeko moduko testu batekin joango dira. Herritarren aldetik presiorik ez badago, hori da eszenatoki logikoena. Horregatik, ziurrenik hau da erabakitzeko eskubidea agendan jartzeko unea, testu artikulatuan gauzatzeko modu batean ager dadin. Gure Esku Dagok bideratzen duen herritarren presioa une honetan horri lotuta dago.
Kontrajarrita al daude ELAk planteatzen duen burujabetza sozialerako indar metaketa berria eta Gure Esku Dagoren egungo dinamika?
Ez dut uste. Batzuek kontrajarritzat jotzen dituzte eta pentsatzen dute Gure Esku Dagok oso oinarrizko planteamenduak dituela, lausoegiak. Ez dut uste horrela denik. Batetik, Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du eta berau gauzatzeko tresna zehatzak exijitzen ditu. Bestetik, erabakitzeko eskubidea ez da arlo bakar batera mugatzen, filosofia sakona du atzean, herritarren burujabetzaren aldarria. Horregatik, esango nuke Gure Esku Dagon dabilen jendeak duen mezu soziala eta ELAk edo beste eragile batzuek defendatzen duten mezu soziala edo estatugintza ez direla kontrajarriak. Burujabe izateko tresna naturala zein da? Estatu bat izatea. Zertarako nahi dugu burujabe izatea? Bizitza on bat izateko, ongizatea, justizia soziala… Bata bestearen atzetik dator. Eta segida horretan, zein da Gure Esku Dagoren ekarpena? Euskal herritarron esku dagoela bide horretan libreki urratsak ematea, mugarik gabe. Aldarrikapen hori ez zait batere xaloa iruditzen.
Zentzu horretan, ez dut uste eragile berrien beharra dagoenik. Paradigma aldaketarekin batera, indar metaketa zabala erdiestea denean jomuga, diskurtso erradikalago batek jende gehiago erakarriko duela uste dugu? Momentu historiko honetan kontua ez da gutxieneko abanguardia bat sortzea, independentismo argia, diskurtso sozial alternatiboa, kontraboterea landuko duena… une hau indar metaketarena da. Indar metaketa horretarako egokia al da ANC –Kataluniako Asanblea Nazionala– moduko eragile independentista argi bat, subiranista ez-abertzaleak kanpoan utziko dituena? Edo, beste ikuspegi batetik hartuta, egokia al da gehiengo sindikalistaren diskurtsoan soilik oinarritutako eragile bat, subiranista "zentristagoak" bidean utziko dituena? Gizartetik abiatutako tresna subiranista indartsu baten bilakaera ezin da aurreikusi, parte hartzaileen esku baitago, baina argi dago, mezuaren zabalkunderako eta gehiengoak trinkotzeko agian aproposagoa dela Gure Esku Dago bezalako ekimen bat. Finean, alderdi politiko edo sindikatu zehatz batek herritarrak biltzera deitzen baditu, horrek berez sortzen ditu hesi batzuk.
Joxe Elorrietak bere azken liburuan esaten du ezinezkoa dela prozesu subiranistarik egitea neoliberalismoa eztabaidaren erdigunean jarri gabe.
Neoliberalismoa erdigunean jartzeko modu asko daude, horietako bat neoliberalismoari kontra egiteko pedagogia egitea da, eta ez diskurtso klasiko eta oso ideologizatuekin. Gure gizartean agintzen duen elitea neoliberala da, baina ez dut uste gure gizartearen gehiengoa neoliberala denik eta bilatu behar da gehiengo hori erakartzeko diskurtso bat. Zein da indar metaketa ahalbidetuko duen diskurtso hori? Neoliberalismoaren aurkako diskurtso gogor eta klasikoa edo diskurtso lausoago bat, baina funtsean neoliberalismoaren aurkakoa ere izango dena? Diskurtso gogorrago hori egin dezakete euren egunerokoan sindikatuek, alderdiek… bakoitzak bere arloan, baina erabakitzeko eskubidea, bere sakonean, neoliberalismoari aurre egiteko diskurtsorik eraginkorrena da.
Badira gai gatazkatsu asko herrietan, adibidez Gipuzkoan Zubietako errauskailua, edo justizia sozialaren ingurukoak, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta… horiek alboratu behar dituzte Gure Esku Dagoren kideek?
Gure Esku Dagoren oinarrizko agirian –"Eskura" dokumentuan– eta orain abian dagoen Herritarron Itunean marko bat planteatzen da eta honek oso garbi uzten ditu helburuak zeintzuk diren: gauza guztiez erabaki nahi dugula. Marko orokor horrek guztiontzako balio du eta guztiei ematen die aukera haien plataforma propioa garatzeko. Ekainaren 10ean Herritarren Itunaren aurkezpena egingo da eta hor oso modu ikusgarrian egin daiteke edukiz betetzeko garapen hori: adibidez, sindikatuak bildu daitezke astebete lehenago –zerbait esateagatik– eta esan zergatik ematen dioten sostengua itunari, beren diskurtso osoa aipatuz. Eta berdin ikasleek, legelariek, kultur eragileek edo beste hainbat sektorek: itunak marko bat eskaintzen du –erabakitzeko eskubidearen aldarria eta berau gauzatzeko tresnen beharra–, eta gero bakoitzak bere plataforma eratzen du. Gure Esku Dagok 2.000 bazkide inguru ditu, herri askotan ditu taldeak, konfiantza batzuk eraiki dira… horrek merezi du konfiantza bat eta edukiz bete daitekeen bilakaera baten aukera ez baztertzea.
Maltzagako izpiritua berreraikitzeko ahalegina ere ikusten dute askok.
Honek ez du zerikusirik Maltzagarekin. Hori eliteen prozesua da: bateko zein besteko eliteak bildu, negoziatu, adostu eta gero jendeari esan. Lizarra-Garazikoa ere hori bera zen, eliteek adostu eta jendea begira. Gure Esku Dago mugimendu bat da, estatus politikoa erabakitzeko herritarron eskubidea aldarrikatzen duena, eta, zentzu honetan ekimen subiranista zabal gisa ulertu genezake, behetik gora eraikitzen eta edukiz betetzen ari den ekimen irekia. Hazi soziala, beste asko bezala, bertan dago eta eduki horiek, Gure Esku Dagon bakoitzak duen inplikazioaren arabera garatuko dira, ez daude aldez aurretik finkatuta. Gure Esku Dagok ez du lubaki berririk sortu nahi gizartean, elkarrekin askatasunez lan egiteko leku gozo bat baizik, euskal herritarron erabakiak gauzatzeko bidean. Gure Esku Dago elikatzen den heinean, kultura erabakitzailea eta parte-hartzeailea elikatzen da eta horrek jendearen ahalduntzea dakar. Bide horretan eraikitzen eta berreraikitzen dira nortasun politikoak, Kataluniak erakutsi bezala.
Galdeketek jende mobilizazio handia ekarri dute, baina hala ere ez da tentsiorik nabaritzen. Egin daiteke tentsiorik gabeko prozesu subiranistarik?
Hau prozesu dinamiko bat da: giza-katearen Gure Esku Dago, kontsultena eta etor daitekeena gauza bera dira, eta aldi berean, desberdinak. Ez dago aldez aurretik esaterik norabidea zein izango den, dinamikan parte hartzen duten herritarren esku baitago: batzuk gusturago egon daitezke hasierako eskema horretan, beste batzuk norabide politiko argiagoa ematearen alde dira eta beste batzuek honen bilakaera naturala Kataluniako Asanblea Nazionala bezalako bat sortzea dela pentsatuko dute. Argi dago giza katetik ona Gure Esku Dagok presentzia politiko handiagoa duela, baina oraindik tentsiorik gabe, tentsioa indar posizio bat lortzen denean pizten delako, herritarren borondatea errespetatzen ez dutenekin lehian.
Instituzioen inplikazioa lortzea ere helburuetakoa da Gure Esku Dagon. Zein neurritan lortzen ari dela uste duzu?
Galdeketekin aurrerapausoak ematen ari dira eta udaletan errepikatzen ari dira zinegotzi guztien edo gehienen argazkiak galdeketen alde. Ekainetik aurrera, Herritarron Itunak garapen bat izango du eragile era erakundeen artean. Hortik aurrera ikusiko da zein indar metatzen den, inoiz, gure erakundeei, Eusko Legebiltzarrari esan ahal izateko "herri-eskaera hau jaso behar duzu eta erabakia gauzatzeko modua bermatu".
Galdeketak, Ituna... eta gero?
Gure Esku Dagoren bide orriaren azken jomuga herritarron erabakia gauzatzea da, noski, baina horretarako tresnak herri-dinamika berak definitzen ditu aldiro. Ezin dugu ahaztu beste errei batzuk badaudela zabalik, teorian helmuga berbera izan beharko luketenak. Esaterako, Eusko Legebiltzarreko ponentziak izango al du kontsulta ahalduntzaile bat? Hau da, testu artikulatua onartzen denean, gero Madrilera joan behar da. Bada, agian komeni zaigu aurretik kontsulta bat eginda joatea, nahiz eta hori ez dagoen legean aurreikusia. Agian, baimenduta ala debekua gaindituz, badago kontsulta ahalduntzaile hori 2018aren amaieran edo 2019aren hasieran egiteko aukerarik. Gizarte ekimena erabakitzailea izan daiteke abagune horretan. Katalunian hala izan zen azaroaren 9an.
Beraz, badira aurrera begirako zantzu batzuk.
Ez dakigu zer aterako den ponentziatik, baina argi dago, Kataluniatik ikasi dugunaren ildotik, egiten dela egiten dena elkarrekin egin behar dela, erakundeak, alderdiak, gizarte eragileak, herritarrak elkar hartuta…
Hemen ere badago Kataluniako En Comù-ren antzekoa: teorian urratsak eman dira erabaki eskubidearen alde. Eta praktikan?
Neurri batean, Katalunian gertatzen dena gertatzen da hemen ere. Eremu politiko horretan Estatuaren egiturak aldatzeari buruzko hainbat eredu daude. Hainbat lekutatik datoz espazio politiko horretara eta hainbat ikusmolderekin. Batzuek uste dute mobilizazio soziala ezinbestekoa dela erabakitzeko eskubidea lortzeko, beste batzuek lehenbizi Estatuarekiko akordioa behar dela eta horretarako ez dute hain garrantzitsu ikusten mobilizazioa, eta beste batzuek diote akordioa lortzeko agian interesgarria dela erreferenduma egitea aurretik, aldebakarrekoa bada ere. Egun denak daude erabakitzeko eskubidearen alde. Erabakitzeko unea iristen denean sortzen zaizkie zalantzak. Kataluniako En Comù-n dute eztabaida orain, une erabakigarritik gertu daude eta: "Zer egingo dugu Estatuak erreferenduma debekatzen badu?". Han eta hemen, beti ere akordioz egitea da egokiena, baina baimenaren ezean, erabakia hartzeak emango dio bide eskubideari.
Hor desobedientziaren eremuan sartzen gara. Indar metaketak emaitza onak eman baditu, edo negoziatzen duzu edo desobeditu...
Gai potoloa da hori, desobedientzia subiranistarena. 1998-99an jorratu zen hemen, gero tamalez gaia standby geratu zen gurean, eta Katalunian errotu da eztabaida. Desobedientzia subiranista ez da desobedientzia hutsa, obedientzia aldaketa baizik…
Biak egin behar dira, desobeditu zuretzat ez duzun erakundeen subirania eta zurea obeditu.
Mandatu demokratikoaren aldebikotasunaren baitan dago hori: herritarrok gure erakundeei erabakiak har ditzaten ematen diegun mandatua eta erabaki horiek obeditzeko hartzen dugun konpromisoa, gureak ez diren erakundeen erabakiak desobeditu behar baldin badira ere.
Hori al da Gure Esku Dago elikatzen ari dena?
Gure Esku Dagoren jarduera osoa eskubide politikoen egikaritza arautuan kokatzen da une honetan. Galdeketak, esaterako, laguntza publikorik gabe burutzen ari dira, jarduera herritarrak dira. Galdeketa guztien aurretik gobernu ordezkariak udal guztietara bidaltzen du ohar bat esanez zer ezin dezaketen egin – ezin dutela erroldarik utzi eta halakoak– eta udal guztietan zorrotz betetzen ari dira muga horiek. Beste kontu bat da, zein neurritan, beste gai batzuetan bezala –bakearen artisauen ekimena hor dago–, ez ote duen gizarte zibilak egin beharko erakundeek egin ezin dutena. Ekintza zuzenaren filosofiarekin ere lotuta dago Gure Esku Dago "erakundeek ezin dezaketena egin, egin dezagun guk". Herritarrak erabakitzeko entrenatzen ari gara, erakusten posible dela kontsulta bat egitea: "Bada, egin ezazue".
Erreferenduma egin egingo da, baina Madrilekin negoziatutako estatutu berri baten ingurukoa.
Estatutu erreforma baten amaieran aurreikusita dagoen erreferenduma koka daiteke Gure Esku Dagoren filosofian, baldin eta estatus horrek erabakitzeko eskubidea gauzatzeko modua eskaintzen badu. Horregatik, Eusko Legebiltzarreko autogobernu ponentzia gune garrantzitsua izan daiteke. Kontua da ez ditudala gure indar subiranistak ikusten hortik zerbait atera daitekeela pentsatzen, iruditzen zait aldez aurretik galdutzat ematen dutela gudu hori. Iritzi erabat pertsonala da hau, noski. Dagoeneko esaten duzu hemendik bi urtera onartuko den dokumentutik ez dela ezer aterako? Hori borroka bat galdutzat ematea da, zure indarretan konfiantzarik ez izatea eta, gainera, nolabaiteko ihesbide bat: "Ez, neoliberalak dira eta ni neoliberalismoaren aurka nago, guk gure indarrak tenkatu behar ditugu eta bost-hamar urte barru ikusiko dugu zer egin". Hori ez zait jarrera egokia iruditzen. Oso eroso egon zintezke zure diskurtso garbi, huts eta "autonomoarekin", baina abagune historikoak artikulazio zabalak eskatzen ditu, ez lubaki ideologiko zurrunak, finkoak. Eta artikulazio horietan arestian neoliberalak izandako batzuk sartu beharko dira halabeharrez.
Beste parametro batzuetan, baina azkenean 1978ko eztabaida berdina da: "Inzidituko duzu gaia zuk nahi duzun lekura eramateko edo mendira zoaz". "Mendira" joateko modu asko dago, eta ez da ezinbestekoa horretarako borroka armatura jotzea. Nire kezka da batzuek une honetan "mendira" jotzeko tentaldia izan dezaketela, artikulazio zabalei muzin eginez. Batzuk borroka luze batetik datozelako, besteak eroso daudelako beren autonomian… orduan mendira. Une honetan eztabaida estrategikoetariko bat hor egon daiteke. | news |
argia-dd16086f7ab9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/antzerkhizkuntza.html | Lotsak ahaztuta, euskarara hurbildu | Dabi Piedra | 2017-05-07 | Lotsak ahaztuta, euskarara hurbildu
AntzerkHizkuntza proiektuan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako neska-mutilak euskaraz hitz egitera ausartzeko bitartekoa da antzerkia. Bilboko Ave María ikastetxean B eredua dute eta urteak dira antzerkia baliatzen dutela.
Gaur egun, nerabe askok ikasgelan dute euskararekin harreman bakarra. Maiz, gainera, norabide bakarreko komunikazioa da: irakasleak euskaraz, ikasleek erdaraz. Edo bestela, isilik, beren euskara traketsa delakoan, erdaraz erosoago baitaude. Gazteei konplexuak gainditzen laguntzera eta modu ludikoan euskararen erabileran eragitera dator AntzerkHizkuntza proiektua. Irakasleak ez ezik, ikasleak ere pozik uzten dituen metodoa da, kurtso amaierako inkestak aintzat hartuz gero.
Bakoitzak bere buruaz duen pertzepzioa hobetzea eta konfiantza sendotzea dira AntzerkHizkuntzaren oinarriak. Proiektuaren koordinatzaile Garikoitz Lasak azaldu digunez, Lehen Hezkuntzako 4. mailatik Bigarren Hezkuntzara arteko ikasleekin lan egiten dute. Adin horretan, gazteek beren burua oso zorrotz epaitzen dute, lagun-taldean integratzea funtsezkoa baita. Erdaraz erosoago aritzen direnek nahiago izaten dute euskara baztertu, ingurukoen aurrean barregarri geratu baino.
Konplexu horiek gainditzeko tresna aproposa da antzerkia: gaitasun linguistikoak ez ezik, norbere buruaren kontrola lantzen da, talde-lana baloratzen ikasten da eta lotsa galtzen da. AntzerkHizkuntza klase orduetan lantzen dute. Ikasturtean zehar, astero ordubete eskainita, antzezlan bat prestatzea da neska-mutilen zeregina. Garikoitz Lasak argi eta garbi dio antzerkia ez dela helburua, bitartekoa baizik. "Denek antzezlanaren parte izan nahi dutenez, oso motibatuta egoten dira eta horrek euskararen aldeko jarrerak hartzera eramaten ditu. Guk nahi dugu haiek konturatu gabe ikastea, ondo pasatuaz".
Argazkia: Aritz Loiola.
2009an ekin zioten egitasmoa eskolaz eskola eramateari. Bilboko Txurdinaga auzoko Berritzeguneko arduradunak esan zien proiektu ona zela, baina normalean halakoak ingelesa lantzera bideratzen direla. "Euskara teknikari hori euskaltzale sutsua da eta egitasmoa euskaraz mantentzeko eskatu zigun, –oroitu du Lasak–. Eta hala eutsi diogu, proiektu hau hizkuntza normalkuntzarako pentsatua da, eta euskarazkoa izango da beti". Orain arte, Bizkaian landu dute (Barakaldon, Bilbon, Erandion, Igorren, Sopelan…), baina Arabara eta Gipuzkoara hedatzeko prest daude.
Giro euskalduneko zein erdalduneko ikasgela izan, ekimen eraginkorra da, euskaraz ondo hitz egitea ez baita parte hartzeko baldintza, euskaraz hitz egiteko gogoa baizik. "Batzuek erdarara jotzen dute, eta guk euskarara bideratzen ditugu, –dio Lasak–, ahalegina eskertzen diegu, errefortzu positiboaren bidez, euskaraz zein ondo ari diren esanez".
Lasak onartu du, gramatikan behintzat, askorik ez dietela irakasten. "AntzerkHizkuntzan gauzak oker esan daitezke", euskaraz esatea da kontua. Lasak eta bere kideek ere ez dute euskara jasoa erabiltzen ikasgelan, hizkera "probokatzailea" baizik, erdarakada eta guzti. "Nik ez dut eredu egokia izan nahi, eredu baliagarria baizik". Behin euskaraz hitz egiteko ohitura hartuta, egongo da astia hobetzeko.
Gaitasunak lantzen
Orain arte euskaraz hitz egiteko gogorik izan ez duen ikaslea nola erakartzen du AntzerkHizkuntzak euskarara? Motibazioa eta inplikazioa dira giltzarriak. Ikasgelan gogaituta egon beharrean, astean ordubete jarduera dibertigarri bat egiten pasatzeko aukera ematen die antzerkiak. Denek parte hartu nahi dute, eta horretarako euskara behar dute. Lotsak ahazteko ingurune egokia da gainera: "Beren burua probatu dezakete besteen aurrean, baina esparru babestuan".
Argazkia: Aritz Loiola.
Ikasleen artean egundoko aldeak daude, euskara mailan eta jarreran: lotsatiekin eta zaratatsuekin ezin da berdin jokatu. Lehenengoei diren bezalakoak agertzen laguntzen diete, taldearen onarpena sentitzen; bigarrenei ingurukoak errespetatzen irakatsi behar diete. Koordinatzailearen esanetan, ikasturteak aurrera egin ahala, nabarmen hobetzen da taldearen kohesioan eta kide guztien konfiantzan. Horrek eragin positiboa du euskararen erabileran, baina onurak ez dira linguistikoak soilik, ikasleentzat probetxugarriak diren beste zenbait alor ere hobetzen dira. Taldean lan egiteko gaitasuna, esaterako.
Helburuak betetzeko, ezinbestekoa da talde bakoitzaren ezaugarrietara egokitzea. Tutorearen lana garrantzitsua da; AntzerkHizkuntzako kideek eta tutoreek etengabeko komunikazioa dute. "Hasieran, tutoreek ikasleen inguruko informazioa ematen digute. Adibidez, ikasle bat lotsatia dela esaten badigute, modu indibidualean esku har dezakegu".
Era berean, ikasleak hobeto ezagutzeko bidea da tutoreentzat. "Irakasleari tresna bat eskaintzen diogu, taldea ahoz nola moldatzen den entzuteko aukera dute, askotan euskara idatziz baino ez dutelako landu ahal izan".
Ave María ikastetxearen esperientzia
Bilboko Ave María ikastetxean aspaldi hasi ziren AntzerkHizkuntza lantzen. Bigarren Hezkuntzako 3. mailan, B ereduan, irakasle dabil Imanol Canales Arrasate, eta kurtso hasieratik amaierara ikasleen jarreran igartzen den aldea nabarmendu du. Ave María bezalako ikastetxeetan, halako proiektuak oso lagungarriak dira. "Euskaraz jakin gabe heltzen diren zenbait etorkin ditugu, gainera B eredua da gurea eta, beraz, ikasleek kontaktu gutxi dute hizkuntzarekin", azaldu du Canalesek. "Uste dut ikastetxeko euskara maila gora doala urtetik urtera eta AntzerkHizkuntzak badu zerikusia".
Argazkia: Aritz Loiola.
Euskararen erabilera indartzeko programazioan AntzerkHizkuntza sartzea erabaki zuten, baina abantaila gehiago ere aurkitu dizkiote Ave Maríakoek: "Taldeen kudeaketan eta gorputz espresioan aurrerapenak dakartza", –dio Canalesek–. "Batzuetan, ikasleek gidoia ahaztu eta inprobisatu egiten dute. Horrek kezkatu egiten ditu, baina irakasleok pozez hartzen dugu, euskaraz inprobisatu dutelako, hori aurrerapausoa da!".
Beti ezin dira helburuak bete, Garikoitz Lasak aitortu du talde aldrebesak ere suertatzen direla. Baina, oro har, esperientzia positiboa izaten da. "Zoragarria da irakasle batek esaten dizunean ikasle hau edo hura hobera aldatu dela", dio Lasak. Ikasleak ere pozik aritzen dira. "Hasieran, askok ez dute antzerkirik egin nahi, baina ikasturteak aurrera egin ahala inplikatu egiten dira eta amaieran, egindakoaz harro daudela esaten digute". Halakoak entzutea "ekaineko paga estra" da AntzerkHizkuntzakoentzat.
Hizkuntza ohiturak aldatzea ez da erraza, helburuak lekuan lekuko errealitatera egokitzea da gakoa, Lasak azpimarratu duenez: "Guk ez dugu miraririk bermatzen, baina urtero gertatzen dira. Oso ikasle gutxirentzat pasatzen gara oharkabean". | news |
argia-3b41448ed721 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2552/borraja-komandoaren-matxinada-nafarroan.html | Borraja Komandoaren matxinada Nafarroan | Garazi Zabaleta | 2017-05-07 | Borraja Komandoaren matxinada Nafarroan
"Talde subertsiboa gara, produktu ekologikoak, mundua, edertasuna maite dituen taldea. Mundu hobeago baten alde oraintxe ekinean hasi nahi duen pertsona multzoa gara, ingurumenarekin konprometitutako taldea. Ez dugu geldirik egon nahi". Horrela hasten da Nafarroan sortu berri duten "Borraja Komandoa"ren lehen komunikatua.
Apirilaren 22an, Ama Lurraren nazioarteko eguna zela eta, lehen ekintza burutu zuen taldeak Tuteran: hiriko lorategi bat hartu eta baratze ekologikoa egin zuen bertan.
Hitzetatik ekintzetara
Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (NNPEK) Helianto taldearekin elkarlanean abiatu du ekimena, "Lorategiari eraso" programaren barruan.
Ekintzaren helburuak nekazaritza ekologikoa bultzatzea eta horren garrantziaz sentsibilizatzea izan dira.
Buru-berokiekin eta zapiekin estalitako hamabost pertsona inguruk hartu zuten parte Borraja Komandoaren lehen "erasoaldian". Erabilitako armak: letxugak, kuiatxoak, loreak, landare usaintsuak, tomateak, ilarrak, orburuak eta porruak. Tuterako lorategiaren transformazioan hiriko Lourdes auzoko Emakumeen Elkartearen laguntza ere jaso zuten matxinoek. Auzotarrei beren baratze propioa zaintzeko eta bertan haziko diren barazkiak erabiltzeko gonbidapena egin zieten komandoko kideek.
Hasiera besterik ez
Tuterakoa hasiera besterik ez dela izan argi azaldu dute ekintzaileek. "Nafarroako hiri eta herriak erasoko ditugu, ezerk ez gaitu geldituko", diote komunikatuan. Espazio publikoak, lorategiak, nahiz errepide bazterretako lurrak baratze ekologiko bihurtuko dituztela adierazi dute, inork espero gabe, jendearen sorpresarekin jokatuz.
"Aski da. Amaitu dezagun itsusitasunarekin, degradatutako guneekin. Guk eraso egiten dugu, edertu egiten dugu, laidoztatutako guneei bizitza ematen diegu". Beraiekin bat egiteko deia egin die herritarrei taldeak, Nafarroako espazio grisei kolore berdea bueltatzeko lanean segitzeko. Ikusteke dago non jarraituko duen Borraja Komandoak bere matxinadarekin. | news |
argia-7aaf14a2f259 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2424/lurreko-tenperatura-igoera-bi-gradutik-behera-uzteko-bideak.html | Lurreko tenperatura igoera bi gradutik behera uzteko bideak | Joxerra Aizpurua | 2014-07-20 | Lurreko tenperatura igoera bi gradutik behera uzteko bideak
Uztailaren 8an, munduan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamabost estatuetako 70 zientzialarik DDPP izeneko txostena (karbonoa errotik gutxitzeko bideak) helarazi zioten Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusiari.
Zientzialari horien helburua Lurraren tenperatura hazkundea bi gradutik behera mantentzea da, eta horretarako hiru bide proposatzen dituzte. Munduko estatu bakoitzak gehien komeni zaiona aukeratu beharko luke.
Lehen bidea ekonomiaren alor guztietan (etxegintza, garraioa, industria) energiaren eraginkortasuna hobetzea da. Bigarrena, jatorri fosila duen elektrizitatea iturri berriztagarrietatik lortutakoarekin ordeztea. Eta, azkenik, erregai fosilen ordez karbono gutxiago duten erregaiak erabiltzea.
DDPP -k ez dio ezer berririk. Non esan den eta nork onartu duen, horra berrikuntza handiena. Orain urte batzuk, txostenak ez zukeen NBEren ataria gainditzerik izango; haren idazkari nagusiarenganaino heltzea gizarteko sektore guztietan gertatzen ari den aldaketaren isla da. | news |
argia-eb769dd06b1c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2424/oscar-fernandez-capetillo.html | "Ezin dugu botiken bilakaera osoa farmaziaren esku utzi" | Sustrai Colina | 2014-07-20 | "Ezin dugu botiken bilakaera osoa farmaziaren esku utzi"
"Erori banaiz ere, gorantz erori naiz...".
Zer da ikerlari edo zientzialari ona izatea?
Batzuk teknikoki bikainak dira, zehaztasun eta zorroztasun ikaragarriz teknologia bat goitik behera ustiatzen dute. Beste batzuk askoz sortzaileagoak dira. Halaber, anitzek landu duten gai konplexu bat perspektiba ezberdin batetik aztertzeko gai direnak daude. Mundu guztia koadro bati so egon eta ordura arte inork ikusi ez duen izkinako usoa ikusteko gai direnak. Horiek dira niri gustatzen zaizkidan ikerlariak. Argi dagoena da puntako ikerlaria izan nahi duenak epe motzeko porrotarekiko immunizatuta egon behar duela. Egiten dugun ia guztiak ez du funtzionatzen. Arriskatu eta oso galdera zailekin zabiltzanean, zure aurretik saiatu direnak bezala hutsegitea da ohikoena. Horrek tematia izatea eskatzen du, jarrera positiboa edukitzea, gauzak ongi eginez gero goiz ala berant emaitzak iritsiko direla sinestea. Zientzialari askok hor egiten dute huts. Gehienak onenak izan dira institutuan, onenak unibertsitatean, eta goizetik gauera adimen argitasunak eguneroko lorpenekin lotura zuzenik ez duen mundu batera iristen dira. Ez da aski ideia zoragarriak izatea. Zuzenak eta gauzatzeko modukoak izan behar dira.
Galdera onak pausatzetik hasten da dena?
Hastapeneko erabakiak baldintzatzen du azken emaitza. Zu ezin zaitezke elkarrizketa bat egitera Danimarkaraino joan eta grabagailua piztean konturatu elkarrizketatua mediokrea dela. Joan aurretik atera behar dituzu kontuak. Gurean, gauza bera. Gezi jaurtiketa da zientzia. Nekez jotzen duzu itua, hasieran oker apuntatuz gero. Lehen egunetik pipeteatzen hasi beharrean ikasleak galdezka jartzen ditut, eta ezer interesgarririk deskubritu dezakegula uste ez dugun arte inork ez du bata zuririk janzten. Zientzia ez da esprint bat, ez da lehen publikazioa kosta ahala kosta erdiesteko lasterketa. Zientzia maratoia da. Horregatik saiatzen naiz emaitza konkretuetatik abstraitu eta gauzekiko distantzia hartzen. Nire bizitzako hurrengo bost urteak gaiari dedikatzeak izango lukeen eraginak kezkatzen nau, ez berehalako publikazioak. Hala, nik egin ezean, inork egingo ez lituzkeenak egiten saiatzen naiz. Galdera orijinaletatik datoz erantzun orijinalak.
Zer balio du bideak, helmugarekin itsututa dagoen jendartean?
Mediku bat izan liteke ospetsua oso kontaktu onak eduki eta bera famatzen duten lagun garrantzitsuak dauzkalako. Zientzian biluziago gaude, curriculumek hitz egiten dute gure ordez, erradiografiek hezurrak nola erretratatzen gaituzte. Egiari zor, arazoa da helburuak hain argi egotea. Esaterako, Korean edo Txinan, ez baduzu hurrengo helburua betetzen kale gorrira zoaz eta ezin zara itzuli. Horrek presio handia dakar, eta jendeak lasterbideak hartu, tranpak egin eta gezurrak publikatzen ditu. Hemen, zorionez, bestelakoa da sistema, baina berehalako helburuekin itsutzeko joera handiegia dago. Ikerlari baten helburua ezin liteke izan oihartzun handiko aldizkari batean artikulua argitaratzea. Inozoa da, gaurko ogia eta biharko gosea. Ez gaitezen engaina, sortzen duen galdera berri kopuruaren araberakoa da aurkikuntza baten interesa.
Esplikatu iezaiezu hori politikari eta agintariei.
Noiz ohartuko gara berehalako ikuspegia motza dela? Hezkuntzan, hizkuntza politikan, osasungintzan, zientzian... desgrazia da txandakako agintari eta kudeatzaileen menpe egotea. Ikerketa sistema sendotuagoak dituzten AEBak bezalako herrialdeetan, luzera begirako estatu paktuak dituzte. Oso argi daukate Barne Produktu Gordinaren zati garrantzitsu bat biomedikuntzari zor dietela. Hala, zientzian inbertitzen dena ukiezina da. Hori Espainian ez da gertatzen ez zientzian ez ezertan. Hemen, izendapenek ez dutenez jakintzarekin zerikusirik, Renfeko zuzendari izatetik Osasun ministro izatera pasa zaitezke, eta soldata justifikatu eta zure ezjakintasuna estaltzeko, institutuan biologian nota onak zeuzkan koadrilakoari deitzen diozu ikerketa zentro bat ireki ala ez eztabaidatzeko. Politikariei esaten diezu herrialde batzuetan bioteknologiako patenteek mugitzen dutela ekonomia eta ez dute sinesten. Ez dute ez konfiantza ez heziketarik gaur egun zerga gehien ordaintzen dituzten enpresak biomedikuntzakoak direla usaintzeko. Haientzako, zientzia dekorazio hutsa da, antzerki obrako magoa, ongi gelditzeko balio die baina ez zaie sekula ezinbestekoa iruditzen.
Ikerketa pribatua independentea da?
Funts pribatuek ikerketa lerroa bideratu dezakete, baina horrek ez du ikerketa perbertitzen. Ikerketa pribatuetan ere, ikertzaile eta akademikoek nahierara mugitzen dituzte hariak. Esaterako, Amerikako Estatu Batuetan zein Erresuma Batuan zentro gehienak pribatuak dira. Horrek zer esan nahi du? Politikariak ez ezik, pertsonak ere ezberdinak garela. Erresuma Batuan, zientzian gehien inbertitzen duena ez da gobernua, jendeak finantzatutako fundazioak baizik. Supermerkatutik ateratzen den amonak emandako librak metatuz 400-500 milioi lortzen dituzte urtero. Hezkuntza kontua da. Horri fortuna handien filantropia gehitu behar zaio. Horrela sortu dira AEBetako zentro garrantzitsuenak. Hemen ez, hemen dirutza egin duenaren hil-aurreko kezka bere 50 biloben artean lurrak banatzea da. Ez dago halako herentzia baten eragin globala neurtzeko kontzientziarik.
Hori hala deno, zientzia ertzeko apustua izatera kondenatuta dago?
Finantzazioak izugarri baldintzatzen du gure egunerokoa. Pokerrean jokatzea bezalakoa da. Fitxa asko dauzkanak apustu ezberdin asko egin ditzake, tartean, irabazteko ia aukerarik ez dutenak baina ongi ateraz gero urrea balio dutenak. Fitxa gutxirekin dabilenak ezin du desafio handirik planteatu, ezin du hutsegin, eta ez hutsegitera jokatuta nekez lortzen da emaitza liluragarririk. Zientziari buruz hitz egin dadin beste munduko aurkikuntzak egin edo sari potoloak jaso behar diren herrialde batean lan egitearen miseriak dira horiek. Miseria horren parte da prentsak gure lorpenak esajeratzeko duen joera. Gure aurkikuntzen eragina gutxitan da egunkarietan ageri den bezain erabatekoa. Hori kaltegarria da komunitate zientifikoarentzat. Zuhurtzia ariketa egin beharko litzateke. Ezin gara egunero minbizia sendatzen dugula esaten ibili. Ezinezkoa da.
Zuk, egunero, estres erreplikatiboa ikertzen egiten duzu lan.
Zelula bat bitan banatzen denero, bere DNA-ren kopia oso bat egiten du. Oso prozesu konplexua da, gimnasia molekular handia eskatzen duena, eta hutsegiteetatik salbu ez dagoena. Badakigu zahartzean, minbizi kasuetan eta tumore batzuetan horrek sekulako eragina duela. Tumore multzo batzuk estres erreplikatibo handia dutela jabetu gara eta estres horrekiko babesak zapartatuz gero tumorea sendatu litekeela uste dugu. Sua eta suhiltzaileen arteko jokoa da. Zelula sano batean ez dago surik, beraz ez duzu suhiltzailerik behar. Su askoko tumorea identifikatzen baduzu, suhiltzaileak etengabe ari dira sua itzaltzen, baina alferrik da, itzali orduko pizten delako berriz. Suhiltzaileak kendu eta tumorea berez erretzea izan liteke soluzioa.
Ezagutuko dugu minbizia gripea bezala sendatuko den eguna?
Konbentzituta nago baietz. Gizateriaren historian, ezinezkoa zela pentsatu dugunero, denborak frogatu digu posible zela. Azken 30 urteetako ikerketei esker, tumoreen sortze arrazoiaren inguruko ulermen maila handiko kartografia aski osatua lortu dugu. Eskua zehatz-mehatz sartzen asmatzea da falta zaiguna. Hori bai, ez da sendabide unibertsalik egongo, pastilla batek ez ditu minbizi guztiak sendatuko bularreko tumore batek ez baitu zerikusirik maskuriko tumore batekin, baina ez gaude soluziotik oso aparte. Ez dezagun ahantz orain 25 urte leuzemia guztiak mortalak zirela eta orain egunero pastilla bat hartuz sendatzen direla. Oraintsu arte bularreko minbizia diagnostikatu eta testamentua egiten zenuen, orain sendatzeko modua dago. Heriotza bakoitzak irabazitako batailak eklipsatu arren, ez dezagun orain arteko bidea gutxietsi, jarraitu dezagun sendabidearen bila. Baina ez gaitezen engaina, minbizia akabatzen dugunean Alzheimerra izango dugu atarian zain. Gizakiaren senean dago ez hiltzen saiatzea, bizitza luzatzea. Alabaina, bizi-esperantza luzatzen goazen heinean, auto zaharrari jarritako partxeak agertuko dira. Egun batez bizi-esperantzaren batez bestekoa 100 urtera eramatea lortuz gero, orain imajinatu ere egiten ez ditugun eritasunei egin beharko diegu aurre. Horregatik lasai, ez gara inor bizirik aterako.
Gure limiteak atzeratzeaz ari gareno, zientziari mugak jarri behar zaizkio?
Egiten duten lana egiten dutela, mugak jarri behar zaizkie gizakiei, baina ez dut uste Mister Jekyll eta Mister Hyden ikuspegia ona denik. Hemengo zientzialarien %99,9a ez gabiltza eragin kaltegarriak izan ditzaketen gaiekin lanean. Alderantziz, gure ingurua hobetzeko zer egin hausnartzen ari gara. Horregatik, limiteak bai, baina ez dut erabat blokeatuko gintuzkeen babes legalik nahi. Ez dut zientziaren geroa gure lana ezjakintasunetik eta aurreiritzietatik arautuko lukeen jendearen esku utzi nahi. Zientzialariak jakintza eta jakituriarekiko maitasuna darama zainetan, eta ez dago hori baino filosofikoagorik. Debate etikoa gure lanaren parte da. Horregatik protokolo gero eta zorrotzagoak, kode deontologiko gero eta zehatzagoak, eta araudi gero eta zedarrituagoak baino, arrazoiz eta zentzuz lan egin ahal izatea eskatzen dut nik.
Erantzuten ez dakizkien galderen arrapostuak eskatzen dizkio jendarteak zientziari?
Nahiago nuke hala balitz! Jendartean, oro har, ezjakintasuna disimulatzeko zerbait asmatu eta atakatik harro ateratzeko jarrera da nagusi. Masa guztietan dago dena konspirazioa dela uste duen multzo bat. Alferrik aurkeztuko dizkiozu mila ebidentzia eta bi mila froga, eskolako masa batek txertoak txarrak direla esaten segituko du jo eta su. Mantra horri ezin zaio aurre egin. Askotan jendeak zientziaz paso egiten duela iruditzen zait, gurekiko erabat immunizatuta dagoela. Nola azaltzen duzu bestela homeopatiaren existentzia? Ez du kalterik egiten baina frogatuta dago ez dakarrela onurarik, eta hala ere, ministerioak esan berri du nahierara saldu daitekeela farmakoen kontrol-neurri sortarik gabe. Jakina, tabakoak bezala, sekulako zerga eta tasak uzten ditu kutxan, eta horren aurrean zientziak esan dezakeena ez zaio inori axola. Horregatik, tontakeriekin konformatzen baino galderekin bizitzen ikasi behar genuke. Zientzian, esploratzaile batek bezala pentsatzea gustatzen zait.
Nondik joko dute hurrengo urteetako esplorazioek?
Karta-jokoa puskatzeko ordua da. Minbiziaren arloan, esaterako, bide asko urratu dugu, eta ziur naiz jendarteak horren emaitzak laster ikusiko dituela farmako berrien sortzearekin. Oso gauza interesgarriak etorriko dira hortik, baina zorionez, interesgarriena zein den ez dugu susmatu ere egiten. Horrexegatik da interesgarriena. Bitartean, esku-artean ditugunak gero eta hobeto egiten segituko dugu, botika gehiago egingo ditugu, azkarrago. Inguru akademikoa farmaziari tartea jaten ari zaio. Orain dela 25 urteko koto pribatua iraultzen ari gara. Gero eta jende gehiago ari da jabetzen farmazeutikak ez direla botikak egin ditzaketen bakarrak, guk ere eurek bezain tresna onak ditugula, ringean gaudela borrokatzeko prest. Ezin dugu botiken bilakaera osoa farmaziaren esku utzi. Farmazeutiken katearen azken begiak akziodunak dira, eta akziodunek ez dute eritasunez hitz egiten, akzio eta etekinez baizik. Eurengatik balitz, ez litzateke gaixotasun arraroentzako sendagairik ekoitziko, ez baitira errentagarriak. Horregatik da ezinbestekoa laborategiek akademiaren eskutik lan egitea. Osasuna eta zientzia ezin dira botere ekonomiko eta errentagarritasunaren prismatik arautu. Entsegu klinikoak pazientearentzat onena denaren arabera burutu behar dira, ez ospitaleari diru gehien hitzeman dion farmazeutikaren arabera. Krisi garaiotan kliniketako kudeatzaileek ez dute dudarik egiten, eta horren aurrean ezin gaitezke isilik egon. | news |
argia-a063dc43d7e6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2424/antisorgailua-txip-batean.html | Antisorgailua txip batean | Joxerra Aizpurua | 2014-07-20 | Antisorgailua txip batean
Antisorgailu mota bat baino gehiago dago, eguneroko pilulatik hasi eta bost urtero aldatu behar den esteriletaraino. Berriki, beste metodo bat iragarri du MicroCHIPS izeneko enpresa estatubatuarrak MIT Technology Review aldizkarian: hamasei urterako balio duen txipa.
Hogei milimetro luze den txipak haurdunaldiak hamasei urtez eragozteko adina hormona eta bateria ditu, eta azalaren azpian kokatzen da. Bateriak duen korronte ahulari esker, eguneko 30 mikrogramo hormona askatzen da gorputzean. Erabiltzaileak gailua desaktiba dezake nahi duenean, eta ondoren berriz aktibatu.
Datorren urtean hasiko dira pertsonekin probak egiten, eta 2018rako merkatuan izatea espero dute. | news |
argia-fae3d0a5e83e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/herri-txiki-eta-normalizatu-honetan.html | Herri txiki eta normalizatu honetan | Estitxu Garai Artetxe | 2016-06-12 | Herri txiki eta normalizatu honetan
Herri txiki eta normalizatu honetan lege proposamen bat ez dute tramitera onartu euskara hutsean zegoelako.
Herri txiki eta normalizatu honetan Nafarroako ume askok milaka kilometro egin behar dituzte bertako hizkuntzan ikasi ahal izateko.
Herri txiki eta normalizatu honetan euskal telebista publikoari debekua ezarri zaio bere hiztun eremuaren zati batean emititzeko.
Herri txiki eta normalizatu honetan tortura ohiko praktika izan da eta hori salatzen duena atxilotzen dute.
Herri txiki eta normalizatu honetan Europar Batasuneko polizia ratio altuena dugu, mila biztanle bakoitzeko sei agente. Horietatik %35 ez da bertako polizia.
Herri txiki eta normalizatu honetan kazetariei euren lana egiteagatik isunak jartzen dizkiete.
Herri txiki eta normalizatu honetan emakumeak bigarren mailako herritarrak gara, ez dugu tokirik espazio publikoan, lan berdinaren truke gutxiago ordaintzen digute, etengabeko gutxiespenak jasaten ditugu eta jotzen, erasotzen eta hiltzen gaituzte.
Herri txiki eta normalizatu honetan "normalizazio" horrek norma jarraitzearen adiera bakarrik izan dezake, asimilazio politikorako mekanismoek dakarten normalizazioa: batetik, akulturazio bidez eta idiosinkrasia galduta estatuaren arauak onartzea; eta, bestetik, kapitalismoa eta patriarkatua naturala, berezkoa, aldaezina, norma dela sinestaraztea
Herri txiki eta normalizatu honetan preso dauden senide eta lagunak ikusteko munduari 8,8 bira ematen dizkiogu astero, errepideetan bizitzak arriskuan jartzeaz gain, 109.221,70 euroko gastua dakar horrek.
Herri txiki eta normalizatu honetan ikusi dugu nola gure bandera Estatu Islamikoaren banderaren parean jarri duten, Eurovisionen, hura erakusteko debekuarekin batera.
Herri txiki eta normalizatu honetan jendea sare sozialetan botatako iritzien harira atxilotzen dute.
Herri txiki eta normalizatu honetan hezkuntza-erreforma inposatzen digute, hezkuntza-komunitatea, gizartea eta politikagintzaren gehiengoa kontra agertu arren.
Herri txiki eta normalizatu honetan diskurtso xenofoboak barra-barra entzuten ditugu politikarien ahotan, bizitza duinaren bila lanera datozenak diru-laguntza publikoetatik eta alferkerian bizitzera datozela aditzera ematen duten aldiro.
Herri txiki eta normalizatu honetan herritarrak euren ideia politikoengatik epaitzen dituzte eta, sostenguak sostengu, zenbait politikarik ezin dute hautagai izan epaitegi batek eskubide hori ukatzen dielako.
Herri txiki eta normalizatu honetan langileon eskubideak dekretu bidez ezereztatzen dituzte; langileok negoziazio kolektiboaren babesik gabe uzten gaituzte, zabor-kontratuak ugaritzen dira eta multinazionalek irabaziak handitzeko kaleratze masiboak egiten dituzte.
Herri txiki eta normalizatu honetan "normalizazio" horrek norma jarraitzearen adiera bakarrik izan dezake, asimilazio politikorako mekanismoek dakarten normalizazioa: batetik, akulturazio bidez eta idiosinkrasia galduta estatuaren arauak onartzea; eta, bestetik, kapitalismoa eta patriarkatua naturala, berezkoa, aldaezina, norma dela sinestaraztea. Normaltasun parametroetan ulertuta, ordea, ez da abilegia izan behar konturatzeko Euskal Herriko egoera normalizazio politikotik urrun dagoela. Ez dago normalizazio politikorik norbanakoen eta herrien askatasun indibidual eta kolektiboak zapalduak daudelako, pertsona eta herri gisa gure eskubideak sistematikoki ukatzen dizkigutelako. Ez dago normalizazio politikorik demokratikoa ez den estatu baten pean. Hala izanik ere, egun bizi dugun egoera normalizazio politikoa dela esaten digute, eta ustezko normalizazio horren barruan normaltzen da bizi dugun zapalkuntza. | news |
argia-26de0f04c22a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/laura-shine-dastamenaren-deseraikitzaile.html | "Osasungarriak ez ezik, sukaldaritzarako biziki interesgarriak dira intsektuak" | Jenofa Berhokoirigoin | 2016-06-12 | "Osasungarriak ez ezik, sukaldaritzarako biziki interesgarriak dira intsektuak"
Entomofagia deitzen zaio intsektuez elikatzeari. Orokorrean, ideiak berak gohaindura sortu ohi digu mendebaldarroi. Alta, bi miliar (2.000 milioi) herritarren egunerokoaren parte izaten da elikadura-molde hori. Nazka sentimendu hori kulturalki eraikia dela dio Laura Shine quebectar ikerlariak. Sentimendu hori deseraikitzeko pausoa emanik, intsektujale sutsu bilakatu da.
Kilker baserri baten sorkuntzan parte hartu zenuen. Zer itxura du intsektu baserri batek?
Intsektuaren arabera forma ezberdinak daude. Hemen kilkerrak ala tenebrionen larbak ditugu usu. Ontzi batzuk dira; kilkerrei arrautza ontziak gehitzen dizkiegu, aztaparka igotzea gogoko dutelako.Tenebrionei barazki freskoak, aberedian dabiltzanez. Baserri bat badut sotoan eta irina, oroa, zahia eta barazki zurikinak ematen dizkiet, besterik ez.
Edonork ukan dezake baserria.
Bai, eta hori da interesgarria. Horma-armairu batean lekuño bat ukanez gero, eraiki dezakezu bat. Hiritarrek baserri bat behar dute, kutsadura dela-eta ezin dutelako edozein intsektu jan.
Gutxi kutsatzen duen ekoizpena da.
Tokian tokiko ekoizpena izanki, garraiorik ez du eskatzen. Ugaztunei alderatuz, berotegi efektuko gas gutxi eragiten dute. Ur eta elikagai arras gutxi eskatzen dute ere. Horrez gain, behargabeko xahutzerik ez da, maiz intsektu guztia jan daitekeelako. Idi ala zerri batekin ez da horrela, sekulako hondakinak daude.
Goseteari aurre egiteko aterabidea izan daiteke. Hori dio behintzat Nazio Batuen Nekazaritza eta Elikadurarako Erakundeak.
Ez da aterabidea, baina aterabideetariko bat izan daiteke. Ez dut mirakuluzko irtenbideetan sinesten. Maiz entzun izan dugu horrelakorik elikaduraren arloan, eta emaitza txarrak besterik ez ditu ondorioztatu. Tofuaz dena gauza on entzun genuen eta begira orain soja transgenikoen monokulturei! Trumilka ekoizten hasten bagara, arazoak ondorioztatuko ditu.
Interes finantzario bat ikusiz gero, kasu ez ote duten Monsantoren gisakoek ekoizpena garatuko.
Zurrumurruek diote jada horretan dabiltzala eta mentalitateak nahiko irekiak izatearen beha direla merkaturatzeko. Ekoizpen industrialaren garapenaren arriskua hor dago. Horregatik ditugu tokiko ekoizpenak bultzatu behar. Zergatik ez genituzke kolektiboki hiri mailako baserri batzuk garatuko? Elikadura burujabetzaren izpirituari segi doa proiektu hori.
Munduko Osasun Erakundeak ere entomofagia babesten du.
Bi miliar herritar dira intsektujale. Elikadura-molde hori goseteari lotu ohi dugu, baina ez, usu zaporeagatik dira sukaldaturik. Mendebaldeko kulturan murgildu nahian, praktika hori bazterrera uzteko joera dute maleruski. Horrek ondorio kaltegarriak ditu haien osasunean eta bizimoduan. Gainera, nekazaritza industriala esportaturik, pestizidaz estalirik dituzte eremuak. Beraz, entomofagiaren ikerketa gomendatzen du erakundeak, kultura gastronomiko horrek arriskurik gabe jarraitu ahal izateko. Intsektu mota batzuen gainbeherari aurre egiteko ere balio luke. Zentzu horretan da goseteari aurre egiteko soluzio bat, argi delako ez garela mendebaldarrok elikadura eskasian kausituko.
Ezaugarri nutritiboak zein dira?
Kantitate bera hartuz, idikian bezainbat proteina duzu kilker batean, baina gizen arras gutxiagorekin. Proteina askodunak eta mineralez edota bitaminez aberatsak dira. Kostu ekologiko zinez apaleko elikagai aberatsa da.
Zer gustu dute?
Haragiak zer gustu duen galdetzea bezala da: okelaren arabera zapore ezberdinak ditugu. Txindurriak izugarri azidoak dira, erleen larbak oso azukretuak, kilkerrek berriz lur gustua dute, kakaoa eta onddoaren gisa. Osasungarriak izateaz gain, sukaldaritzarako biziki interesgarriak dira.
Bi miliar herritar intsektuak jaten eta gu berriz ideiak berak okaztaturik.
Gohaindura sentimendua unibertsala da, baina oinarrian kausitu gauzakiak dira kultura batetik bestera ezberdintzen. Mokordoen ala hilotzen gisa, gauzaki batzuek gohaindura sortuko dute ia kultura guztietan, babes forma bat dago horren oinarrian. Intsektuen jateak sortu nazka kulturalki eraikia da. Ume batek txindurri bat ikusi eta dastatuko du, baina laster etorriko zaizkio gurasoak zikina dela erranez. Intsektuak zikinkeriari eta osasungaitzari lotu ditugu, guztiak zare berdinean ezarriz; alta, hamaika izaera daude.
Alta, gure arbasoek jaten zituzten.
Erromatarren eta grekoen testu anitzetan agertzen da hori. Testamendu zaharrak finkatzen du zein intsektu jan daitekeen eta zein ez. Kasher ikuspegiari segi, jauzi egiten duten intsektuak jan daitezke soilik. Afera kodetu izanak frogatzen du ohitura nahiko hedatua zela. Oraindik kausi ditzakegu arrasto batzuk: adibidez, Sardinian harrez beteriko Casu Marzu gazta jaten dute eta AEBetako ekialdean, zazpi-zortzi urte guztiz agertzen den txitxar espezie bat jateko ohitura dute.
Laster ukango ditugu intsektuak gure apairuetan?
Kategoria eraiki horiek etengabeko bilakaeran dira. Ez dut uste hanburger berria bilakatuko denik, baina bai, geroz eta leku handiagoa hartuko dute gure elikaduran. | news |
argia-d198534fab70 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/euskara-ikasteagatik-argia-opari.html | Euskara ikasteagatik ARGIA opari | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2016-06-12 | Euskara ikasteagatik ARGIA opari
Bizi honetan batzuk zortekoak dira, irakurle. Nik behintzat ume umetatik ikaskide eta lagun batzuk izan ditut zozketa bakoitzeko zerbait tokatzen zitzaienak, eta ni berriz beti ondoan, esku hutsik normalean. Fagor enpresan euskara taldeetan dabiltzanen artean urtebeterako harpidetzak zozketatu dituzte, eta seguru nago hor ere badagoela aipatu zorteko pertsonarik. Baina tira, ez natorkizue zorteaz hitz egitera, zozketaz baizik.
Fagor kooperatibak lehendik bazuen ARGIArekin harremanik, baina askoz modu azalekoagoan. Urteroko finantziazioa egin eta listo. Iaztik dator, ordea, ARGIAri eman nahi zaion laguntza moduaren planteamenduri buruzko Euskara Batzordearen hausnarketa. Diru-truke huts bat izan baino elkarlanerako gogoa jarri da mahai gainean, eta galdera batera iritsi dira. Zergatik ez harpidetu?
Euskara taldeak bat baino gehiago dira Fagor osatzen duten zazpi kooperatibetan. Langileek euskara ikasi edo maila hobetzeko planak dituzte eginda, eta ikasleei sari modura urtebeteko harpidetza oparitzeko ideia atera da. Alde batetik ikasleek euskaraz irakurtzeko aukera izango dute eta ARGIAk bost harpidedun berri izango ditu. Asterokoa izan beharrean hilean ale bat jasotzeko harpidetza da, eta urtero zozketa berria egin eta sarituak aldatzen joateko asmoa dute.
Zazpi kooperatibetatik hiruk lehendik jasotzen dute astekaria, eta horrekin ere lanketa egin nahi izan dute erabilera egokiena eman ahal izateko. Aldizkaria jasotzen den kooperatiba horietako harrera guneetan jarri da ARGIA jendeak eskuragarri izan eta irakur dezan.
ARGIA taldeari aukera berri bat irekitzen dio planteamendu honek. Orain arte enpresak berak egin izan du harpidetza eta hor bukatu da tratua; baina zozketarena bezalako aukerek abanikoa zabaltzen dute beste modu bateko elkarlana egiteko eta harremana enpresarekin soilik izan beharrean bertako langile edo sozioekin ere izateko. | news |
argia-d80184bca3c0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/gerraren-aitzakian-turkia-nola-ari-den-eraldatzen-kurdistango-diyarbakir.html | Gerraren aitzakian Turkia nola ari den eraldatzen Kurdistango Diyarbakir | Pello Zubiria Kamino | 2016-06-12 | Gerraren aitzakian Turkia nola ari den eraldatzen Kurdistango Diyarbakir
Turkiak Kurdistango Diyarbakir eta beste hiri nagusietan gogortu duen "terrorismoaren kontrako guduak", helburu politikoaz gain ekonomiko eta urbanistikoa ere baditu: artilleriak suntsitutako edo biztanleen ihesagatik hustutako auzo osoak desegin eta luxuzko eraikin berriak eraiki, agintearekiko otzanak ez diren herritarrak kanporatu, oroimen historikoa itxuraldatu.
Turkiako gobernuak askotan erakutsi du maisu dela etekina ateratzen giza tragediei. Marmara eskualdeko 1999ko lurrikara ikaragarriak agintariei aukera eman zien Istanbuleko auzo osoak eraitsi eta zerotik berriz altxatzeko. Berdin ari da 2016an Kurdistango hirietan.
"Zorionez oraingoan Turkian ez du naturak katastroferik eragin. Baina krisi humanitario eta kulturazko bat bai ari da gertatzen. Turkiako armadaren eta PKKren arteko borroketan Diyarbakir hirian, Anatoliako Hego-ekialdean, Sur auzo historikoaren zati handiak hauts bihurtuta geratu dira. Ez bakarrik UNESCOk Gizadiaren Ondaretzat jotako lekuak, herritarren bizitokiak ere suntsitu dituzte. Biztanle gehienek ihes egin dute Surreeko auzune batzuetatik ehun egun iraun duen setioan".
Istanbuleko Sabanci unibertsitatean hirien transformazioa eta giza bazterketa ikertzen dituen Defne Kadioglu Polatek The Ecologist hilabetekarian argitaratutako " Turkey's war on Kurdish cities - clearing the way for 'urban regeneration' ? " artikuluan azaldu du Erdoganen gobernuaren estrategia.
Edozein klasetako krisiei korporazio handiek etekina nola ateratzen dieten Naomi Kleinek azaldu zuen " The Shock Doctrine " obra famatuan, tituluaren bigarren zatiak ez baitu alferrik argitzen: "Hondamendi Kapitalismoaren indartzea". Alegia, inbertsiogile handiek ondo baliatzen dituztela krisi ekonomikoa, naturazko hondamendiak eta gerrak beren agenda neoliberaletan jauzi berriak egiteko.
AEBetako New Orleans aipatzen da kasu arketipiko bezala, Katrina ekaitzak eragindako katastrofearen ostean bihurtu baitu "Ameriketako hiririk neoliberalena", uholdeen aurretik han zegoen ehun sozio-ekonomikoaren eta milaka herritarren kalterako. New Orleans gaur arras gentrifikatutako hiria da, etxetik joatera behartu zituzten jendeetako askok ezin izan du itzuli eta Louisianako hiriburua inbertsiogile handien mende geratu da.
Egia esan, Diyarbakirren eraldaketak lehen urratsak 2009an emanak zituen, hiriko udalak –orduan Kurdistan autonomoaren aldekoak– onartu zuenean baimenik gabeko etxeak eraistea, haietako biztanleak hiritik 20 kilometrora eramanez "aldi baterako". Auzotar askok, ordea, ez zuten onartzen betiko kale zaharretatik urruntzea.
Orain gerrarekin aurkitu du Istanbuleko gobernuak prozesua azkartzeko modua. Diyarbakirgo arkitektoen buru Merthan Anikek salatu du Surren militarrek egindako operazioak gobernuari balio izan diola hedabide nagusien bidez saltzeko Diyarbakir eta Surren eraldaketa urbanistikoari arnas berria emateko, bertako agintariei galdetu ere egin gabe.
HDP alderdiko legebiltzarkide Feleknas Ucak protesta egin du Sur auzune historikoa zaintzeko aitzakiarekin gobernua ari delako kontsumo zentro bilakatzen, kafetegi, hotel eta saltoki handi berriekin. Kurdistango Udalerrien Elkarteak ohartarazi du "kultur genozidio" planaz.
Kurduek badute hirigintzako manipulazio handion beldur izateko motiborik, 1999an Marmara inguruetako lurrikara beldurgarriaren ondotik, Kentsel Dönüsüm programa abiarazi zuen gobernuak Turkia osoan, eta harrez geroztik "etxegintza sektorea esponentzialki handitzeaz gain gutxiengo etniko eta erlijiosoen bizileku ziren auzo osoak goitik behera eraldatu dituzte", Defne Kadiogluren aburuz.
Hirizidioa Anatolian
Matthieu Gosse geografia irakasle frantsesak Diyarbakirren kasua azaldu du Orient XXI hedabide elektroniko berrian: " Diyarbakirgo auzo zaharra birrindu eta birmoldatu dute gerraz ".
Kurduen matxinada hasi ostean, 2015eko udazkenean talde armatuak –funtsean Gazteria Abertzale Iraultzaileko (YDG-H) eta Babes Zibileko Taldeetako (YPS) gazte urbanoz osatuak– gotortu ziren bai Diyarbakirgo Surren eta bai Cizre, Silopi, Nusaybin edo Yüksekova hirietan. Handik 2016ko martxoa bitartean, Diyarbakirren kasuan, setio egoerak eta gudu armatuek eraldatu dute hiria, auzo zahar historikoaren eta 1980tik aurrera Kurdistango herrietatik iritsitako baserritar txiroen barrio berriaren nahasketaz antolatua.
Borroka gogorrenak martxo erdialdean eten direlarik, 950.000 biztanleko Diyarbakirrek kargugabetuak dauzka udal ordezkari nagusiak, tartean alkatea bera. Armadak ezarri ditu bere banderak eta eslogan nazionalista turkiarrak duela gutxi arte autonomista kurduek kontrolatzen zituzten eraikinetan. Sur auzo zaharra inguratzen dituen harresiaren ate guztiak daude hormigoizko blokez zerratuak, salbu eta bost.
2013ko apirilean Diyarbakir aztertzen aritu zen Gossek; apiril honetan bi eguneko bisitan aurkitutako aldaketak kontatu ditu. Auzo guztiek ez dute berdin sufritu. Melikahmet auzoaren hegoaldean, Lalebey, Alipaşa, Ziya Gökalp edo Abdaldede karrika inguruetan etxe asko daude metrailatuak, hormetako graffitiek erakusten dute PKKren aldekoak asko zirela hemen: "Lehen kale estuotan bizi soziala handia zen, haurrek sekulako giroa jartzen zuten. Harresien inguruko belardi handiak, lehen jendez gainezka egoten zirenak, oraingoan hutsik zeuden. Ageri da biztanle gehienek ihes egin dutela, eta borrokak baretu ostean ez direla itzuli".
Iskenderpaşan edo Melikahmet auzoetan, aldiz, apenas aurkitu du geografoak bala arrastorik eraikinetan, ikusten diren grafiti gehienak turkieraz daude eta gaur egun ere polizia turkiarrek kontrol arinagoa dagite horietan. Jende askoz gehiago geratu da hemen.
Egoera okerrena Sur ekialdean aurkitu du: Fatihpaşa, Hasırlı, Savaş, Cemal Yılmaz…. 15.000 biztanleak behartu dituzte joatera. Auzoan sartzea debekatuta dago. PKKren aldeko (IDG-H, YPS) milizietako gazteak hemen gotortu ziren, ez da jakin zenbat, ehunka batzuk, baina –dio Gossek– Diyarbakirgo jendeak ez zien jarraitu. Gudari guztiak hil edo preso hartu zituzten.
Turkia auzo honen parte osoak ari da eraisten, lekukorik gabe, gerran hasitako txikizioa osatzeko, bulldozerrez eraisten etxebizitza bloke osoak, eskonbroz kargatutako kamioiak eten barik irteten dira handik.
Martxo honetan bertan Ankarako gobernuak erabaki du desjabetzea hego Surreko 6.292 etxebizitza, Udalaren eraikinak eta eliza kristauenak. Ahmet Davutoglu lehen ministroak esana zuen: "Sur berreraikiko dugu Toledo bezala". Matthieu Gossek idatzi duenez: "Davutogluren berreraikitze proiektuak AKPren pentsamoldearen araberakoa dirudi: gentrifikazio autoritarioa, txiroak urruntzea, iraganaren irakurketa ideologikoa, kartoizkoak diruditen dekoratuen gisako hiri paisaiak". | news |
argia-47c89c5b984d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/esklaboen-ogia.html | Esklaboen ogia | Jakoba Errekondo | 2016-06-12 | Esklaboen ogia
Greziatik ekarri dut suzko zuhaitzaren berri, Grevillea robusta. Baina zer historia eta istorio ditu suzko zuhaitzak? Grevillea izena duen generoak biltzen duen landare jendea Australasiakoa da. Izena Charles Frances Grevilleri zor dio, haren ohorez jarria baitu. 1749tik 1809ra bizi izan zen politikari ingeles aberatsa zen. Naturaz aparteko interesa zuen, eta baratze zabalak landu zituen, baita berotegiak ere. Bere azaña ezagunena 1807ko neguan egin zuen: banilla fruitua ematen duen Vanilla planifolia orkidea lorarazi zuen berotegian, ordura arte sekula lortu gabekoa.
Greville jauna Joseph Banks (1743-1820) sonatuaren laguna zen. Biak naturazale amorratuak eta Society of Dilettanti bereziaren partaide. Elkarte horrek garai bateko Greziako eta Erromako artearen ikerketa sustatzen zuen; nahiz eta Horace de Wolpolek 1743an "Italian izandako mozkor jende baten elkartea" zela zioen.
Banks jauna hara eta hona ibili zen Amerikan, Ozeanian eta Asian lurralde "berrietako" landareen bila: eukaliptoak (Eucaliptus sp.), akaziak (Acacia sp.) eta bere ohorez bataiatutako Banksia generoko landareak ekarri zituen lehenengoz Europara. 1768-1771 artean Cook kapitainaren Endeavour ontziaren bidaldi izugarriaren partaide izan zen; horretarako, zazpi laguntzaile eraman zituen: bi botanikari, bi artista, idazkari zientifiko bat eta bi zerbitzari beltz. Bidaia horretan, Tahitin ezagutu zuen ogi zuhaitza edo ogi arbola, Artocarpus altilis. Arbola hori emailea da: fruitu handia du, eta ogi egin berriaren usaina du. Hortik izena: Artocarpus, grekoko arto (ogia) eta karpos (fruitua) eta altilis latinez "lodia" esan nahi duen hitzetatik datoz.
XVIII. mendearen bukaera aldera, Ingalaterrak Karibe aldean zituen kolonietako esklabo langileei jatena merke eta hazkurritsua emateko asmoz, ez zekiten zer asma. Banks jaunari 1787an otu zitzaion bidaldi bat antolatzea: Tahitira ontzi handi bat bidali, ogi arbolez bete eta Karibe aldera ekarri. Esklaboak izan daitezkeela buruan duenak eskifaia ere antzera tratatuko zuen eta, marinelak matxinatu eta arbolak eta kapitaina bere zaleekin itsasoan utzi eta HMS Bounty ontziaz jabetuta, Tahiti aldera bueltatu ziren. 1791n bai lortu zuten, bigarren bidaldian, esklaboen lurraldeetara ogi berria eramatea. Ez omen zitzaien gustatu... | news |
argia-2ac5d1fcf531 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/triticatum.html | Antzinako gariak berreskuratzen | Garazi Zabaleta | 2016-06-12 | Antzinako gariak berreskuratzen
Nekez pentsatu izan zuen Víctor García Torres errotariak duela 30 urte seme eta alabei egiten zizkien papiletatik egun proiektu sendo den ekimena aterako zenik: Triticatum. Antzinako gari barietateen berreskurapena ardatz hartuta, apirilaren 21ean Zarauzko (Gipuzkoa) Lakari kooperatiban izan zen Gironako errotaria hitzaldia ematen, Hazizaleak elkarteak antolatuta. "Errota txiki bat utzi ziguten etxean, eta gari, arto edo garagarrarekin papilak egiten genituen. Lagunak hasi ziren haientzat ere eskatzen, eta horrela hasi ginen pixkanaka", kontatu du Garcíak. Erabiltzen zituen irinak nondik zetozen jakiteko gogoa piztu zitzaion, zein garitatik ateratzen ziren, zein motatako gariak zeuden, zein ezaugarrirekin, eta abar.
Galtzen utzi gabe
Triticatumen helburu nagusia antzinako gari barietateen prospekzioa egitea da, horiek erabat galdu baino lehen. 400 barietate baino gehiago identifikatu dituzte urte hauetan guztietan, eta horietako askorekin frogak egin dituzte haien ezaugarriak ezagutzeko eta horiekin ogiak egiteko aukera aztertzeko. "Dokumentazio lana egiteaz gain, badugu lorategi botaniko bat gari barietateen ugalketa egiteko". Barietate bakoitzaren ezaugarri agronomikoak aztertzen dituzte Triticatumen: gaitzei zer moduz erantzuten dieten, belarrarekin ongi lehiatzen ote duten, ontze zikloa, altuera, galburuaren forma... Lortzen dituzten arto barietateekin hazien bankua ere osatu dute elkarteko kideek.
Egungo ekoizpena, produkzio industrialaren menpe
Garcíak azaldu duenez, "antzinako gariak ogi on bat egiteko gariak ziren, Mesopotamia garaitik zetozenak, oinarrizko elikagai osasuntsua egitekoak". Alderantziz, egun ekoizten diren gari barietateak produkzio industrialera begira aukeratuak dira: milaka kilometro egiten dituzte gugana iristeko, nitrogeno eta aditibo sintetiko ugari erabiltzen dituzte lurretan, gaitzak eta ekiditeko produktuak erabili behar izaten dituzte...
Tokiko gari barietate zaharrek, berriz, mendeetan klima horretara "ohitu" egiten dira, gaitzei eta belarrari errazago aurre egiteko gaitasuna hartuz. "Penintsulako zonalde bakoitzean bere gari barietateak landatu izan dira; horrek badu hurbiltasunaren eta bidezko merkataritzaren balio erantsia". Egun kontsumitzen den irina ekoizpen kostutik behera dagoela azaltzen du Garcíak, eta noski, jatorrizko herrialdeko laborariei oso gaizki ordaindua. | news |
argia-30641380980c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/musika.html | Amaiera tristea | Montserrat Auzmendi del Solar | 2016-06-12 | Amaiera tristea
Hobeto esanda, penagarria. Eta tristeena da artista paregabeak eta interpretazio akatsgabea izan genuela Kontzertu Handien XI. Zikloaren bukaera honetan. Baina ia publikorik gabe geratu ginen Principal Antzokian, eta hori izan zen saioaren alderdi tamalgarria. Ze pena hain momentu ona disfrutatzea eta aldi berean konturatzea giro benetan hotza egon zela. Lehenengo zazpi lerroak hutsik izatea ez da akuilu onena musikari batentzat. Hala eta guztiz ere, Ludwig hirukotea profesionaltasun osoz aritu zen, eta magia eta lilura hedatu zituen antzokian.
Agian, Gasteizko entzuleriak orkestra handi bat eta sona handiko bakarlari bat behar du bertaratzeko, egia da, baina kontzertu honetan gertatutakoak aukera ematen digu ohartzeko zer-nolako kultura eza bizitzen ari garen.
Hori bai, esan bezala, hiru artista ikaragarri ikusi genituen taula gainean. Tomàs anaiak aski ezagunak dira musikazaleon arteak, Casals laukote famatuaren sortzaile eta kideak direlako. Musikari kezkatsu eta geldiezinak direnez, formazio bat baino gehiago sortu dituzte. Oraingo honetan, Amir Katz pianista israeldarrarekin batera Ludwig hirukotea osatzen dute, eta laukotearekin bezala, arrakasta izugarria lortzen ari dira mundu osoan.
Hirukoteentzako lanen arteko hiru maisulan ekarri ziguten egitarauan, zein baino zein zoragarriagoa. Hain delikatua den Mozarten Divertimentoa si bemol maiorrean KV 254 arin eta jostalaria atera zen, haizeduna, esfortzu gabea, lan aproposa saioa irekitzeko. Mozartetik Beethovenera iritsi ginen. Konpositore honen Hirugarren trioa do minorrean op. 1 lan sakona da, erabat klasikoa, baina bere garaikideentzako efektu bereziak izan zituena, antiklimax moduko amaiera bezala. Bai Mozart bai Beethoven, biak puntu-puntuan interpretatu zituzten Ludwig hirukoteko kideek. Zinez deigarria izan zen hiruren arteko doitasuna eta "arnasa bakarra" nolabait esateagatik.
Baina arratsaldeko lan ederrena, dudarik gabe, Brahmsen Lehen trioa si maiorrean, op. 8 izan zen. Konpositorearen lehen ganbera-musikako lana da, 20 urte zituela konposatutakoa, baina lehenengo urteetatik nabaria zen musikariaren imajinazioa, heldutasuna eta segurtasuna. Tomàs anaiek eta Amir Katzek bikain egin zuten obra (zein ederra egin zuten balts moduko Scherzoa). Publiko gutxi izan ginen baina txalo handiak entzun ziren. Bis bezala, Fritz Kreisleren Martxa vienarra jo zuten, oso berezia, xarmagarria. | news |
argia-83bf7bb9d8c3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/oporrak-2.html | Ez ahaztu museora sakelakoa eramatea | Onintza Irureta Azkune | 2016-06-12 | Ez ahaztu museora sakelakoa eramatea
Esther Ferrer artista donostiarrak egindako proposamena: ibilbide poetikoa Donostian zehar. Donostia 2016k Poesiaren Ibilbidea egiteko enkargua eman zion. Kale erakusketa da, 12 puntutan daude panelak, hala nola, Easo plazako kioskoan, Konstituzio plazan, Zurriolako erlojuan, Tabakaleran eta Koldo Mitxelena Kulturunean. Eman dezagun Easo plazako kioskoan gaudela. Panelaren barrenean QR kodea dago. Patrikatik sakelakoa atera eta QR irakurgailuaren bidez kodea eskaneatuko dugu. Webguneak esango digu: Elisabeth Khaxas, Enheduanna eta Itxaro Borda dira txoko honetako poeta gonbidatuak eta bakoitzaren poema bana irakurtzeko aukera izango dugu, euskaraz eta gaztelaniaz. Irakurtzeaz gain, olerkiok entzun daitezke. Horixe da Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia unitateak garatutako Gida Eleaniztunak plataformaren emaitzetako bat.
Beste adibide bat emango dugu. Donostiako Okendo Kultur Etxean Ondasun Lapurtua erakusketa eduki dute duela aste pare bat arte. Donostia 2016k erakusketako edukiak euskaraz eta gaztelaniaz sortu zituen, baina Gida Eleaniztunak plataforma erabiliz, alegia, erabiltzaileak bere sakelakoa erabilita, ingelesez eta frantsesez jaso zitekeen informazio bera. Itzultzaile eta esatari profesionalek moldatu zituzten jatorrizko testuak eta ahotsak. Itzulpen automatikoaren eta ahots sintesiaren bidez berriz, japonieraz, txineraz, italieraz eta alemanez sortu zituzten edukiak eta audioak.
Zenbat hizkuntzatara nahi duzu itzultzea?
Elhuyarko Itziar Cortesek eman dizkigu garatu duten plataforma horren inguruko azalpenak, eta bere ustez, proiektu interesgarria da museoetarako, erakusketetarako edo turismoarekin lotutako beste zenbait egitasmotarako. Turista mugimendua gero eta handiagoa da eta guztiekin komunikazio bideak aurkitzea ez da hain erraza. Nola kudeatu hizkuntzak museora datozenak dozena bat hizkuntz komunitatetakoak badira?
Gida Eleaniztunak plataformak Elhuyarren hainbat hizkuntza teknologia baliatzen ditu, oinarrizkoenak itzulpen automatikoa eta ahots sintesia dira. Edukiak prestatu dituenak, eman dezagun, museo baterako erakusketa prestatu duenak, berak erabakiko du zenbat hizkuntzatan eman nahi duen informazioa euskarri fisikoan –paneleko azalpena adibidez– eta zenbat hizkuntzatan emango duen interneten. Berak erabakiko du itzultzaile automatikoak erabili nahi dituen alemanez, japonieraz eta txineraz emateko edo nahiago duen itzultzaile profesionalek egitea lana. Gogora dezagun, orokorrean, itzultzaile automatikoek oraindik itzulpen maila bikaina ez dutela lortu eta editorearen lana behar izaten dela itzulpena txukun uzteko. Beste kontu bat da itzulpen automatiko bidez egin eta erabiltzailea horretaz ohartaraztea. Hala, jakingo du itzulpen eder bat ez duela irakurriko baina oinarrizko informazioa jasotzeko balioko diola. Antzeko ahotsarekin. Testua ahots bihurtzea modu automatikoan egin daiteke, baina bezeroak eska dezake ahotsa profesionalek grabatzea. Itziar Cortesen ustez, plataforma hau oso egokia da eduki eleaniztuna webgunean eguneratuta mantentzeko, eta garrantzitsutzat jotzen du testuen tamainarekin asmatzea: QR kodearekin atzitzen den edukiaren tamainak egokia izan behar du sakelakotik irakurtzeko eta entzuteko; esaterako, testua oso luzea bada, gailu mugikorreko pantailan irakurtzea nekezagoa izango da, eta audioa entzutea ere, deserosoa gerta daiteke.
Sistemak ikusmen urrikoentzat ere balio du. Batzuk ez dira panela irakurtzeko gai, baina bai QR kodea sakelakoarekin eskaneatzeko. Hala, museoak edo erakusketa antolatzaileak prestatu duen webgunean audioa entzungo du. Erronka guztiz itsu direnentzat moduren bat aurkitzea da, eta horretara nola iritsi aztertzen dabiltza.
Gida Eleaniztunak plataforma museoetarako eta erakusketetarako aproposa dela uste du Itziar Cortesek. Turistak ikasteko gosez gain, besterik gabe gose ere izaten dira eta makina bat aldiz lanak izaten dituzte otorduak ulertzeko. Galdetu diogu ea egokia iruditzen zaion QRaren sistema menuetarako: "Plater bakoitzeko ezin jarriko duzu QR bat ondoan, baina plater aukera guztiekin zerrenda bat eginda zergatik ez erabili sistema hau? Izan daiteke". | news |
argia-9bcc0134c713 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/oporrak-5.html | Deskonektatu... inguruarekin konektatzeko | Mikel Garcia Idiakez | 2016-06-12 | Deskonektatu... inguruarekin konektatzeko
9 eta 14 urte arteko gazteen kezka nagusietakoa mugikorra galtzea da. Hala dio ikerketa batek, eta helduoi galdetuta ere, emaitza ez litzateke oso bestelakoa izango. Teknologiaren atzaparretatik ihes egitea gero eta zailagoa da egunerokoan, baina opor garairako terapia berri bat ari da zabaltzen: desintoxikazio teknologikoa.
Ez wifirik, ez mugikorrik, ordenagailurik, ipadik, tabletik… Teknologiarik gabeko turismoa eskaintzen dute hainbat hotel eta lekutan. Pittsburgheko (AEB) Renaissance hotelean adibidez, bezeroek debekatuta dute aparailu teknologikoekin sartzea; Dublingo Westin ostatuan, oporraldiak iraun bitartean kutxa gotorrean gordetzen dizkiete mugikorrak bisitariei; Valdevilla herria (Gaztela eta Leon) wifirik gabeko espazioa da eta 50eko hamarkadako bizimodua eskaintzen die turistei…
Digital Detox izeneko erakundea ere sortu da AEBetan, Disconnect to reconnect lelopean (Desintoxikazio Digitala: Deskonektatu birkonektatzeko). Antolatzen dituen jardueren artean, Camp Grounded kanpaldiak daude: ebook eta kamera digitalen ordez, yoga, eskalada, idazketa eta artisautza tailerrak, meditazioa… dira nagusi.
Tira, hain urrutira ere ez dago joan beharrik, naturaz, bakeaz eta ingurukoez lasai ederrean gozatzeko. Konexiorik eta estaldurarik gabeko txokoak aurki ditzakegu Euskal Herrian, batez ere mendialdeko hainbat landetxetan (Koostei Mutrikun, Artiketxe Urdaibain, Gorbeia Etxea Muruan...). Eta bestela, soluzio erraza du aferak: hiritik atera eta itzali mugikorra. Senide eta lagunekin solastatu, esperimentatu, jolastu, pantailatik harago dagoenaz disfrutatu; buruak eta gorputzak eskertuko dizute. Izan ere, teknologiatik noizbehinka ez deskonektatzeak atrofia kognitibo eta emozionala sor dezake, neurologo eta psikologoen arabera.
Bai, hasieran kostatuko zaizu, ohiko webgunean azken berriak ez irakurtzea, sare sozialetako burutazioak galtzea, jolas birtualak alboratzea, baina whatsappetik bista altxatuz gero, aukeraz betetako mundua omen dugu inguruan. | news |
argia-bf2d8b5625fe | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/aharrausi-egiten-zuen-borrokalari-nekaezina.html | Aharrausi egiten zuen borrokalari nekaezina | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-06-12 | Aharrausi egiten zuen borrokalari nekaezina
1858an Sonorako (Mexiko) gobernadore militarraren armadak Jeronimo (1829-1909) apatxearen ama, emaztea eta hiru seme-alabak hil zituen. Jeronimok mendeku hartuko zuela zin egin zuen eta, Sonoratik bertatik hasita, Mexikoko eta AEBetako armaden aurkako erasoei ekin zien, Cochise txirikahua apatxeen buruzagiarekin bat eginda. Erreserbetan bizitzeari uko eginez eta behin eta berriro ihes eginez, 1886. urtea bitartean jardun zuen borrokan.
Itxuraz, erasoekin hasi zen garaian hartu zuen apatxeak Jeronimo ezizena, baina jatorrizko izena Goyahkla edo Goyaałé zuen, eta "aharrausi egiten duena" esan nahi du txirikahua hizkuntzan. | news |
argia-eb7413a6a5e3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/jean-rene-etchegaray-baionako-auzapeza.html | "Tribunalek ezin dute erabaki herri demokratikoaren ordez" | Mikel Asurmendi | 2016-06-12 | "Tribunalek ezin dute erabaki herri demokratikoaren ordez"
Beskoitze 1952. Abokatua. Zentrista. UDIko kidea (Demokraten eta Independenteen Batasuna). Baionako auzapeza 2014tik. Herriko Etxeko hautetsia 1995etik. Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko presidentea da. Elkarrizketa egin aitzin, hautetsi talde batek Herriarteko Lankidetzarako Erakunde Publikoaren (HELEP/Herri Elkargoa) aurkako helegite hierarkikoa jarria omen zuten. Jean-René Etchegaray agurtu ondoren jakin genuen 60 hautetsik helegitea ezarri dutela auzitegian: " Tribunalek ezin dute erabaki herri demokratikoaren ordez", errana zigun auzapezak elkarrizketan.
Lüküzeko Barthelemy Aguerrek eta Armendaritzeko Lucien Delgue auzapezek Herri Elkargoa egitasmoaren aurkako helegite hierarkikoa aurkeztu omen dute.
Ez dut helegite hierarkiko hori eskuratu. Badakit Parisko Barne Ministeriora iritsi dela. Ez dut ezagutzen bere edukiera, ezta sinatzaileen izenak ere. Ez nau harritu Barthelemy Aguerrek eta Lucien Delguek helegitea jarri izanak. Aguerrek Departamenduko Herrien Arteko Komisioan egina zuen jada proposamena, Euskal Herriko eta Biarnoko bi herri multzo elkargo bakarrean bateratzeko asmoz. Bere proposamena ikonoklasta samarra da. Departamenduko Komisioak ez zuen proposamena aintzat hartu. Helegitearen bultzatzaileek erabaki politikoak tribunalek hartzea nahi dute herritarrek hartu beharrean, baina tribunalek ezin dute erabaki herri demokratikoaren ordez. Abokatua naizen aldetik, 37 urtez zuzenbidean aritu naizen honek ez dizu erranen horrela jokatzea eskandalagarria denik, erran dezaket, horrela jokatzen dutenak ez direla faborerik egiteko ez plazerik emateko ari. Udalerrietako kontseiluek proportzio zinez garrantzitsuan erabaki dute: hautetsien %73k aldeko boza eman du [158 herriko etxeetatik 111 alde eta 47 aurka]. Aldekoek biztanleriaren %66 ordezkatzen dute. Aldekook sistema demokratikoaren barnean ari gara politikan.
Eraginkorra izan al daiteke helegite hori?
Helegite hierarkikoa, helegite administratiboa da. Administratiboa auzi-prozesalaren aurrekari izan daiteke. Herriko kontseiluen erabakien aurka joateko argudio juridikoak behar dira, baina kasuon, erabakia ez da soilik juridikoa, erabaki politikoa ere bada. Abokatu gisa mintzo zaitut orain: kontra ari direnek argudio juridiko asko erabili dezakete, baina orain arte ez diet entzun argudio politiko funtsezko bat bera ere. Nik nahiago dut argudio politikoak izatea argudio juridikoak baino.
Eurek diote, politika egiteko era bat dela.
Nik ere politika egiten dut. Denok egiten dugu politika, baina badira erak eta erak. Nik ez dut proiektuaren aurka egotea deitoratzen, Herriarteko Lankidetzarako Erakunde Publikoaren (HELEP) aurka egiteko aukera badago. Alta, helegitearen bultzatzaileek azaldu behar dute zergatik egin duten orain, Frantziako Estatuak lehen aldiz Herri Elkargoa instituzioa sortzeko proposamena egin duenean, gehiengoak bultzatua, gehiengoak baietz esan ondoren. Zergatik erabaki dute tribunaletara joatea, erabaki garrantzitsu hori hartu denean? Euren jarrera arras desegokia da!
Prefetak nola hartu dezake helegitea?
Prefeta estatuaren ordezkaria da, berak estatuaren interesak errespetatuak izatea begiratzen du. Euskal Herria instituzionalizatzeko arduraduna da. Gure lurraldeko hautetsien jarrera legearen markoan dago, herrialdea ahalik eta hobekien ordezkatua eta antolatua izatea da gure xedea. Prefetak ez digu ontzi edo molde gogor bat ezarri, Herri Elkargo bakarra eratzeko aukera eman digu, eta molde hori marko juridiko determinatu baten barnean dago. Guk gure beharren araberako instituzioa eratu ahal dugu, moldea malgua baita, gure ahalen arabera moldagarria betiere. Prefetak ez digu diktatzen zer egin behar dugun.
"Frantziako eskuinekoak, ezkerrekoak eta zentristak gaude Herri Elkargoaren proiektuan, baina maleruski, gure artean jakobinoak ere badaude"
Zein da aitzinatzean eman beharreko lehen pausoa?
Prefetak egungo herri elkargoen fusioa ordenatzeko erabakia hartu behar du ekainaren hasieran. Guk, 2017ko urtarrilera bitartean, HELEP eta Herri Elkargo bakarra ezartzeko bitartekoak landu behar ditugu. Sei hilabetez lan tekniko eta politiko gaitza dugu. Ikuskaritza lana da. Herri elkargoen [10 dira] bateratzeak egoera berria ekarriko du. Fusioak elkargoen eskumenak baterarazi behar ditu: funtzionarioen zereginak batu behar ditugu, baita finantzen bitartekoak ere, fiskaltasuna eta hornidurak barne. Lehenbiziko ikuskaritza prestatzeko, oraingo herri elkargoen hamar presidenteak talde aztertzailea eratzeko lanean ari gara, ni barne; Hautetsien Kontseiluko presidente naizen aldetik. Ondoren, gure azterketa bideratu behar dugu eta kabinet –herrien arteko fusio lanetan adituak– espezializatu eta pribatu baten esku utzi. Kabinetaren ondorioetan oinarrituta, funtsezko erabakiak hartuko ditugu egitasmoa abiatzeko.
Fiskaltasuna omen da arazoetako bat, hirigune eta herriguneen arteko desorekak direla eta. Enpresa handi eta txikien arteko harmonizazioa lortzea zaila da, antza.
Ez da egia fiskaltasuna dibergentzia puntu bat dela, biziki eztabaidatua izan da. Fiskaltasunaren inguruko gorabeherak arautu daitezke. Etxeko fiskaltasuna, pertsonen eta norbanakoen fiskaltasuna ez da aldatuko Herri Elkargo bakarra eratuko delako. Enpresen fiskaltasuna, hirien eta herrien arteko deliberoen arabera aplikatuko da, batzuetan igoerak izanen dira, baina fiskaltasun edo zerga hauen igoerak eragin apala izanen du enpresetan. Gainera, malgutasunez ariko gara: elkarren arteko desorekak harmonizatzen joateko zergak hamabi urteko epean ordaintzeko aukera izanen da. Herrien elkargoen arteko langintzak ez ditu arazoak ezarriko fiskaltasunari dagokionez. Gobernantzari buruzko gorabeherak izan daitezke, oraindik ere hainbat gai erabakitzeko daudelako.
Hala nola…
Adibidez, Estatuak mendiko eta landako hainbat lurralderi eman behar dizkien dotazioak edo hornidurak oso konplexuak dira. Atala partikularra da.
Itsasaldea eta barnealdearen arteko oreka erdiestea garrantzitsua da ere bai.
Baiki. Baina, landa eskualdeek Estatuaren aldetik jasotzen dituzten hornikuntzak ez dira aldatuko Herri Elkargo bakarra eratuko delako. Kasurako, Barthelemy Aguerren eta bere lagunen argudioak zinez paradoxikoak dira. Antolaketa berrian barnealdeko eskualde zenbait galtzaileak izanen direla diote, itsasaldeak barnealdea irentsiko duela, eta aldi berean, kontrakoa diote: barnealdeko herriek menpe hartuko dituztela itsasaldekoak, herri eta hauen ordezkari kopurua gehiago direlako. Denetarikoak eta edozein gauza erran dute, hitz kontraesankorrak barne. Izatez, landa lurraldeek jasotzen dituzten horniduretan –elkartasunezko hornidurak edo baserri mundua sustatzeko dotazioak–, jabeen herentzian eta etxaldeen segidan ez da aldaketarik izanen. Estatuaren erreformaren barnean ematen ari diren neurrietan ezarriko dira berme horiek.
"Erreforma hau ez doakio identitateari. Errepublikako lurraldeak antolatzeko ekimen berria da, herri arteko komunitate handiak sortzea xede duena"
Garraioan ere aipatu dira aldaketak.
Garraioari dagokionean, Estatuaren diru-sarrera edo laguntza, garraioaren fiskaltasun arauari atxikia dago. Horri buruz ez ditugu erantzun definitiboak, finkatu gabeko puntua da. Gobernuak finantza lege berria prestatu nahi du abendurako. Estatuak lege erreforma berria aplikatu nahi du garraioaren diru-sartzeari buruz eta tasa tipoen gainean. Antza denez, landa eremuko enpresen tasak diferentziatuak izanen dira hiri-guneko enpresen tasetatik. Garraio optimoa duten eskualdeen antzeko diru-sartzea izanen da garraio eskas dutenentzat, edota garraio zerbitzua ziurtatuta ez dagoen landa eskualdeetan. Estatuaren administrazioa hiriguneak eta landa eremuak harmonizatzeko lanean ari da.
Departamentutik Herri Elkargora iragaten ari gara. Trantsizio garaian gaude, antza.
Trantsizioa ezohiko garaia da. Big Bang instituzional moduko bat bizitzen ari gara Frantzian. Erregio handiak eratu berri dira, eta gu horietako batean gaude. Austriaren lur zabalera eta Danimarkaren heineko biztanleria dituena. Europako herrialdeak eta estatuak dira biak. Horien tamainako erregio baten barnean bagaude, egizu kontu. Funtsezkoa da horretaz ohartzea, herrien bitartekoak gutxitzen ari direlako. Erregioak handitzen ari dira eta Herrien Arteko Elkargoak sortzen, gurea bezala, esaterako. Erregioek pisu handia hartuko dute. Departamendua Frantzian iraganeko egitura izatera pasako da laster. Politikoki eta juridikoki arrunt inportantea da aldaketa, Departamenduak konpetentzia orokorren klausula galdu baitu, honezkero ez dute turismoaren, ekonomiaren, ezta garraioaren ardura ere. Une honetan, gai sozialen ardura besterik ez dauka.
Herri Elkargoak bereganatuko al ditu konpetentzia horiek?
Beharko ere. Herriko etxeak gero eta desjabetuago geratzen ari dira, ez dute bitartekorik. Sortzen ari diren ingeniaritza lan-molde berriak ez zaizkio iristen, beren konpetentziak indarrean jartzeko bitartekariak ez dituzte menperatzen. Horregatik Herri Elkargoak ahalmen horiek hartu behar ditu bere gain, bera da hori bermatzeko erakunde bakarra. Batzuek diote, Herri Elkargoak herrien akabera ekarriko duela. Alderantziz, Herri Elkargoa salbamendurako erakunde bakarra da.
Batzuen ustez, Herri Elkargoa abertzaleen aldarrikapenei erantzuteko eratuko dela.
Hori faltsua da. Erreforma hau ez dagokio identitateari. Errepublikako lurraldeak antolatzeko ekimen berria da, herri arteko komunitate handiak sortzea helburu duena. Frantziako Barne Ministerioak ez du bitarteko instituzional bat sortu, nortasunaren aldarrikapenei erantzuteko. Ni ez naiz abertzale, eta hala izan gabe ere, gure lurraldearen aldeko proiektu ona dela erran dezaket. Aldi berean uste dut, herrialde honek normaltasun instituzionalaren beharra daukala. Beraz, hainbat abertzalek pentsatuko dute hau dela etapa bat Euskal Herria instituzionalizatzeko. Ni, abertzale askoren gisara, Lurralde Kolektibitate espezifikoaren alde nintzen. Baina aldarrikapen hori, egungo gobernu sozialistak errefusatu zuen. Haatik, HELEP egitasmoa ez dugu abertzaleen eskaerari erantzun bezala hartu behar. Abertzaleak ez dira inoiz etapa honen aldekoak izan, baina ez dira kontra jarri ere. Funtsean, Frantziako eskuinekoak, ezkerrekoak eta zentristak gaude, baina maleruski, gure artean jakobinoak ere badaude. Dena den, gehiengoak adostu du bide hau urratzea. Proiektu hau ez da ezkerrarena, ez eskuinarena edo dena delakoena. Ekimena ezkerreko gobernu batek onartu duen lege bati esker [NOTRE legea] aurrera joan da, ezkerreko gehiengoa duen parlamentu batek onetsia. Hartara, ez dut ulertzen bidean jarrera oztopagarriak izatea.
Batzuek diotenez, Herri Elkargoa Baionari eta Jean-René Etchegarayri esker eratuko da. Bestela ia ezinezkoa litzateke.
Baiona garrantzitsua da gai honetan, gainera bera izan da jarrera hartzen lehen hiri handienetako bat. Baina, ez da bakarrik Baiona, HELEPren aldeko gehiengoaren baiezkoa Baionaren baietzik gabe ere aterako zen aitzina. Egia da, Baionako 48.000 biztanleak Euskal Herriko 295.000 biztanleen artean egoteak biziki laguntzen duela. Niri dagokionez, egitasmo hau ez da atzokoa, hogei urte luze dira euskal instituzioaren alde engaiatua naizela, helburu horretara iristeko bide egiten ari naiz, baina ez naiz bakarra. Hautetsi anitz ari dira, joera politiko guztiak ordezkatzen dituztenak.
Herri Elkargoa eratze bidean, euskararen inguruan kezka dago.
Euskararen Erakunde Publikoa (OPLB) Hautetsien eta Garapen kontseiluek zutik ezarri zuten bitartekoa da. Eskertu beharreko lan handia egin da haren bidez. Orain, azken Lurralde Kontratua (Estatua-Erregioa) sinatu dugu Estatuarekin, eta bereziki, Kontratuaren Euskara atala aintzat hartu dugu. Guk behin eta berriz hauxe azpimarratu dugu: kontratua sinatu dugu eta berau berrikusteko klausula bat ezarri ere bai. Kontratua 2020. urtera arte sinatua da, anartean badago elkar ikusteko hitzordu bat, Estatuaren aldetik onartua. Kontratua 2017an berrikusiko dugu. Erabakia Estatua, Erregioa eta Departamenduaren esku dago oraindik ere, baina guk Estatuak hizkuntzari ekarri behar dion sostenguari buruz hitza hartzea badugu.
Herri Elkargoak euskarak behar duen berezko saila izanen al du?
Hazparneko tailerretan Kultura eta Hizkuntza saila landu da. Euskarari eta OPLBri sostengua ematen jarraitu behar dela kontuan hartu da, legearen bitartez. Uneon, OPLBren diruaren finantzazioa %9 herriko etxeek emana da. Gainerakoa, Estatu, Erregio eta Departamendutik heldu da. Hautetsien Kontseiluaren aburuz, Estatu-Erregio-Departamenduarekin kontratua amaitzen denean, 2020. urtean, herriko etxeen diru laguntza %9tik %21era igotzea nahi dugu. Herri Elkargoa osatzen badugu, instituzio honen ardura eta xedea hizkuntza politika ziurtatzea izanen da. Eta ez soilik euskararena, okzitanierarena ere bai. | news |
argia-657ba12b8faa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/euskaraz-mintza-hadi-herritar.html | Euskaraz mintza hadi, herritar | Joanes Etxebarria | 2016-06-12 | Euskaraz mintza hadi, herritar
Xiberoako Herri Elkargoak euskara sustatzeko kanpaina abiatu berri du. Sare sozialetan arrakasta ukan duela dirudi, hein txikian baina arrakasta zerbait halere, seguruenik Xiberoko agintariak ez ditugulako Gipuzkoa edo Bizkaikoak bezain begi zorrotzez begiratzen. Zerbait egin dute, gutxienez, eta txalo.
Azkenaldian hala ez bada ere, berriki arte Herri Elkargoaren bilkuretan egoten nintzen, noizbehinka, kazetari lanak egiten. Sekula ez dut hitz bakarra entzun euskaraz, hautetsien gehiengoa edo parte handi bat euskalduna delarik. Hori beharbada aldatu da orduz geroztik, baina ziur naiz hizkuntza nagusia bestea dela oraino ere.
Hurbiletik segitu ez badut ere, ziurtatu dezaket hautetsi bat edo biren nahiak duela kanpaina abiarazi, besteak –EAJ bezala parlamentuan– abstenitu beharbada ez, baina konbikziorik gabe gelditu direla. Ez zaie euskarazko bilkurak egitea galdetu, beraz bego, ez dira oldartu. Xiberoak ere euskara indartzeko neurriak behar ditu, eta zerbait egitea ez da gaizki, baina erabaki politikoak hartzea hobea litzateke. Ez beza nehork erran ez dela posible, Uztaritzek erakutsi baitzigun baietz. | news |
argia-0fc41fe3ea04 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/isaac-xubin-idazlea.html | "Euskararik gabe, ez dakit non nintzatekeen oraintxe" | Miel Anjel Elustondo | 2016-06-12 | "Euskararik gabe, ez dakit non nintzatekeen oraintxe"
Galegoak duen idazle handienaren poema bat euskaratu zuen estreina: Méndez Ferrínena. Azkena, euskarak duen idazle handienetako bat itzuli du galegora: Joseba Sarrionandia. Bi hari horien artean dilindan, lotailu, hirugarren poeta: Isaac Xubín.
Euskara ikastera etorri zinen Bilbora. Gero, Gasteizen ere bizi izan zinen.
Filologia Galegoa ikasketak egin nituen lehenengo, eta bukatzekotan nintzela, prestakuntza osatze aldera, nire buruak besterik egin behar nuela agindu zidan. Halaxe etorri zitzaidan gogoa, eta halaxe egin nuen: Euskal Herrira etorri nintzen duela hamar urte baino gehiago.
Jendea Ingeles Filologia ikasten amorratua da aspaldi.
Bai, hala da, baina ingelesaren espazioa beteta dago. Euskararena, aldiz, ez. Horregatik etorri nintzen. Lau urte egin nituen Bilbon, bi Gasteizen. Euskaraz ikastera etorri nintzen, ez beste ezertara, eta hortaz, lehenengo gauza, euskaltegian izena ematea izan zen, zerbitzari lanean edo pizza banatzaile hastearekin batera. Errazago zitzaidan Bilbora etortzea, errazago nuelako bertan lana inguratzea. Jakina da herri txiki euskaldun batera joz gero euskaraz gehiago, eta hobeto, ikasiko nukeela, baina nekeago izango nukeen lana izatea.
Erraz jarri zinen Bilbora nahiz Gasteizera?
Bai, ezinik ez nuen izan. Euskara ikastera etorri nintzen, eta laster ari nintzen erabiltzen, apurtxo bat, behintzat. Gainera, hor zen telebista, literatura, prentsa… eta, bestalde, badira zenbait leku, non euskaraz egiten baitute. Aski duzu, beraz, horietara jotzea. Tenisean jokatu nahi duenak ere zer du, bada? Tenisean jokatzen den lekura joan behar du, ez gimnasia erritmikoa egiten den kantxara sartu. Bertara joan, giroan sartu, egokitu, jendea ezagutu… horixe egin beharko du. Euskara ikasteari dagokionez, nire kasuan, Bilbon bizitzea ez nuen zailtasun apartekoa izan euskaraz ikasteko. Are gutxiago hasiberria zarenean, elkarrizketa sakonik euskaraz burutzerik ez daukazunean. Aldiz, tabernan euskaraz eskatzeko gai zara. Bada, hasiera duzu. Ondoren, egunkaria etorriko da, eta telebista, eta horrela, piramidea jasoko duzu.
Gasteizen filologia fakultatean izan zinen.
Filologia erromaniko bat egiten ari nintzen Galizian, eta filologia ez erromanikoa zertan zen jakin nahi nuen. Eta zori oneko nintzen, Euskal Herritik hurre bainengoen Vigon. Filologia erromanikoan, latina duzu nagusi, eta gutxi dira latinaren arloan erantzunik ez duten galderak. Euskal filologiari dagokionez, berriz, guztiz kontrakoa da egoera. Euskara hizkuntza isolatua da, ez du ahaidetasunik, eta hizkuntzaren historiaren goitibeheitiak zein izan diren erakutsiko duten testu zahar askorik ere ez du. Horrexek eraman ninduen Bilbotik Gasteiza, Euskal Filologia han baitago. Zenbait ikasgaitan izena eman nuen, baina ez tituluaren jabe egiteko asmotan, ezpada jakintza helburu, euskararen historiari buruz maila akademikoan egosten direnak jakiteko gogoz.
Ez zenuen euskararekin aldez aurretiko loturarik batere.
Ez, euskararekin ez, baina Bilborekin bai, aitaren aldeko aitaita-amamak etorkin izan baitziren bertan. Eta asko izan ziren hemen, aitaitarenean hamalau neba-arreba izan zirelako, eta amamarenean hamarren bat. Honenbestez, aitak, gaur egun, kasik 50 lehengusu-lehengusina txiki ditu. Aitak 6 urte zituela, aitaita-amamak Galiziara itzuli ziren, baina, hala ere, familiaren mitologiaren parte da Bilbo harrezkero. Etxean berriketan, beti ateratzen zen Bilbo, bilbotarren bat zelako tartean, edo bertan bizi zen senideren bat aitzakia. Bilboko kapapean ginen, nolabait.
Baina ez zinen horregatik etorri.
Ez, euskarak ekarri ninduen, baina Galizian nengoela ere, beti han Bilbo. Bertara etorrita, zenbait zirkulu itxi ahal izan nituen; familiari lotutakoak, batik bat. Inoiz kontatu dizut sagutxinhoren historia?
Sagutxinho?
Bai. Amamak sagutxinho esaten zidan beti. Uste nuen galegoaren hitza zela. Horrek ez du onik esaten nire baitako filologoaren alde. Kar, kar... Lehenago konturatu behar nuen ez zela galegoa, amamak beste inork ez baitzuen hitz hura erabiltzen. Baina horrela zen: sagutxinho, beste izenik ez zidan ematen, eta are, gaur egunean ere sagutxinho esaten dit. Orain dator urrezko giltza: euskaltegiko lehen egunean, Gardoniz kalean, irakasleak, beti-betiko aurkezpenak eta gero –"nola duzu izena?", "zergatik ikasi nahi duzu euskaraz?"–, orrialde batzuk eman zizkigun, non irudi batzuk beraien euskarazko izenekin batera ageri baitziren. Haietako hitz batek arreta eman zidan, arreta, ezagutzen nuelako. Ezagutzen nuen hitz bakarra: sagutxo! Une horretan, haurtzaro betea igaro zitzaidan begien aurrean.
Sagutxo, sagutxinho. Bikaina zuen amama.
Bai. Kar, kar… Dena dela, teoria bat dut, zeinaren arabera amama ez baitzen gogo onez itzuli Galiziara. Beharbada, Galiziara joanik ere, Bilbon irauteko modu bakarra zuen: lobari hemengo amama batek egingo lukeen moduan deitzea, -inho erantsita. Ez pentsa, hogeitaka urterekin deskubritu nizun hori, euskaltegiko estreinako egunean.
Ez zaitut irudikatzen moto gainean tur-tur-tur, pizza-banatzaile Gasteizen.
Bada, horrexetan ibili nintzen. Kar, kar… Gainera, arratsalde nahiz iluntzeko lana zen, eta hortaz, egunez bestelakoak egin nitzakeen. Garai hartan, bestalde, nahiko erraza zen –gida-baimena eta eskarmentua izanez gero–, lana inguratzea. Nik biak nituen, Pontevedran gisako lana egina bainintzen. Berehala hartu ninduten, jende askok ez zuen horretan lan egin nahi izaten; neguko hotzean, batik bat. Galiziara oporretan joaten nintzen aldiro, utzi egiten nuen lana. Itzuleran, hantxe nuen zain.
Poeta pizza-banatzaile.
Batere poetikoa ez, ezta? Kar, kar…
Galego irakurle jardun zenuen Corkeko Unibertsitatean, Irlandan.
Euskararik gabe, ez dakit non nintzatekeen oraintxe. Seguruenera, ez nintzen hizkuntza arloan ariko, ez filologian eta ez idazten ere; idazteari utzia… Euskal Herrira etortzea erabaki nuen egunean euskaraz ikastera –amak esaten dit–, egun hartan santua jaitsi eta ukitu zintuen! Eta ez da gezurra, lagun asko baititut nik baino espediente akademiko askoz hobea dutenak, hizkuntzari lotutako gaietan lanean ari ez direnak. Hori ere ikusi bainuen nik: hamaika ikaskide, langabetuen ilaran, lan bat harrapatzeko ezinean. Orduantxe esan nion neure buruari: "Besterik behar duk, hortik ez zagok-eta irtenbiderik!". Eta, berez, Filologia Galegoa amaitu baino lehen heldu nintzen Euskal Herrira. Eta beti betikoa esaten zidaten: "Zertan ez duzu lehenago amaitzen, gutxi geratzen zaizu eta".
Inori kasurik ez zuk.
Ez. Eginak nituen egin behar nituen urteak unibertsitatean, ez zidan askoz gehiago emango. Nahi nuen orduko, gainditu behar nituen azken ikasgaiak gainditu eta nahikoa nuen. Baina hura denbora alferrik galtzea zen, bitartean bestelako aberasgarriagorik egin bainezakeen. Euskaraz ikastea, kasu. Horrela egin nuen. Geroago lortu nuen titulua. Nire lagun asko, esan dut, bestelako lanetan hasi ziren. Euskararen bidez osatutako curriculumak lagundu zidan Cork-eko unibertsitatean galego irakurle izaten: galego-euskara hiztegia, Vigoko unibertsitatean emandako euskarazko eskolak, itzulpenak… Curriculum hori gabe, nekez nintzatekeen Irlandan.
Galizia, Euskal Herria, Irlanda… Zarautzen izan berri zaitugu Literaturia jaialdian.
Bai. Iaz, Salvaterra do Minhoko poesia jaialdian Sarrionandiaren Tempo de exilio aurkeztu nuen, iazko Etxepare saria, eta hemengo zenbait poeta gertatu ziren han. Zarauzko jaialdiaren berri eman zidaten, eta etortzeko gonbita egin zidaten. Gogo onez etorri naiz. Bestalde, Zarauzkoan, Ruper Ordorika ezagutu nuen, eta sariak itzultzailea eta argitaletxea, biak saritzen baititu, eta gainera, liburu sarituaren promozioa ere sustatzen baitu, jira txiki bat egingo dugu udazkenean Ruperrek eta biok Galizian barna. Hemen egitea ere ez legoke gaizki.
Bi norabideko harremana duzu.
Bai, handik honakoa bezain hemendik harakoa. Dena dela, oraintxe, bateko krisia eta besteko hizkuntzaren egoera, Galizian itzulpenetara emanak daude bertako argitaletxeak. Obra oso onak, oso ondo itzuliak, eta argitalpen bikainak. Nahiz eta bertakoek saltzen segitzen duten, Méndez Ferrín, Manuel Rivas, Suso de Toro…
Zer diostazu, hizkuntzaren egoera? Galegoak ere lanak? Uste nuen guztiok hitz egiten zenutela galegoz.
Kontua ez da non zauden, nora zoazen baizik. Hiztun kopuruak ez du askorik balio: kopurua inkesta batean edo
atlas batean jartzeko baino. Egiatan, txosten soziologikoa osatzen denean, hizkuntzaren bektorea norantz doan da inportanteena. Eta galegoaren kasuan, hiztunen %70 adineko jendea baldin bada, 65 urtetik gorakoak, horrek esan nahi du bektorea beherantz ari dela. Euskararen kasuan, adibidez, gutxik hitz egiten dutela esaten da, eta baliteke, baina bektorea gorantz ari da. Are gehiago, euskara hiztunen adin piramidea proportzionatuagoa da, eta gazteek zaharrek baino konpetentzia linguistiko handiagoa dute. Hortaz? Nire aitaita-amamek galegoz besterik ez zuten hitz egiten, baina ez dakit bizian inoiz filmik ikusi zuten Galizian egina, galegoz. Edo libururik irakurri ote zuten inoiz galegoz. Tira, hasteko, euskarazko bi film erosi berri ditut: Loreak eta Amama.
Ez duzu aukera txarra.
Adiskide onen gomendio onak, kar, kar… Galizian oraintxe ari gara bide horretan hasten. Eta Sarrionandia itzultzeari dagokionez ere, nik ez beste batek izan beharko zukeen itzultzailea. Alegia, nik baino lehen, besteren batek ikusi beharko zukeen euskararen bidea Galizian. Ez gaude urruti, nahiz eta erraza ere ez den handik hona eta hemendik hara joatea: zenbat autobus eta zenbat tren ibili ditudan nik Bilbotik Vigora eta Vigotik Bilbora.
Isaac Xubín zarena, Isaac Fernández Fernández zaitugu egiatan.
Ama dut Xubínen jaioa, Coruña bestaldean, Oleirosen. Galiziatik kanpora eman nuen haurtzaroa, eta itzultzen ginenero, Coruñan edo Xubínen ginen, aitaita-amamen etxean, edo osaba-izebenean. Nire erreferentzia identitario bakarra Xubín zen, Coruña. 15-16 urte nituenean, aitaita-amamak hil eta osaba-izebek Xubíngo etxea saldu zuten. Erreferentzia hura galtzearekin batera, garaitsuan, poesia sari bat irabazi nuen, eta Xubín erabaki nuen.
Zure identitatearen zati duzu Xubín.
Bai. Aita Bilbon jaio zen, baina Coruñara eraman zuten, txikitan. Bazuen trauma txiki hori, alegia, oroitzapenik ez duen leku batekoa izatea. Ni jaiotzekotan nengoela, gurasoak Burgos iparraldeko Espinosa de los Monteros herrian bizi ziren. Aitak ez zuen nahi berari gertatu zitzaiona gertatzea niri, eta lanean opor egunak eskatu eta Galiziara eraman ninduten: ni Coruñan jaiotzea ez zen halabeharra izan, guztiz aukera kontzientea baizik. Etxean bigarrena jaio zenean, berdin, aitak oporrak eskatu eta Coruñara. Halabeharrik gutxi gure jaiotzetan. Badakigu nongoak garen. | news |
argia-2c06f0218ee2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/napoleonek-dioen-aldetik-gidatu.html | Napoleonek dioen aldetik gidatu | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-06-12 | Napoleonek dioen aldetik gidatu
Swindon (Ingalaterra), 1998. Blunsdon Ridge erromatar bidean, gurdien joan-etorriak galtzadan utzitako erreiak alde batean bestean baino askoz sakonagoak zirela aurkitu zuten arkeologoek. Bideak harrobi batera zeramanez eta, beraz, gurdiak bertara hutsik joan eta handik zamatuta itzultzen zirenez, ibilgailuek ezkerretik zirkulatzen zutela ondorioztatu zuten.
Eta ez soilik Inperioko leku urrun hartan; Antzinaroan, Egipton, Grezian eta Erroman behintzat, zaldizkoek eta gurdiek bideen ezkerreko aldetik joateko joera zutela uste izan dute adituek, hala nola Cyril Northcote Parkinson (1909-1993) historialari britainiarrak.
Zaldizko eta gurdi gidari gehienak eskuinak zirenez, bridei ezkerrarekin heldu eta eskurik trebeena libre uzten zuten, behar izanez gero, ezpata erabiltzeko adibidez. Gurdi gidariek ere eskuinean eraman ohi zuten usta edo zigorra, eta ezkerretik gidatzeak bide bazterreko oinezkoei nahi gabe jotzea saihesten zuen.
1300. urtean Bonifazio VIII.ak zirkulazio dekretu bat jarri zuen indarrean lehenengoz, San Pedro basilikara joateko San Angelo zubiko arazoak konpondu nahian. Erromako puntu jakin horretan eskuinetik joan beharko zen handik aurrera.
Baina Europan ez zegoen arau finkorik. Iraultza aurreko Frantzian, esaterako, estamentuen arabera, alde batetik edo bestetik zirkulatzen omen zuten: eskuinetik joateko ohitura nahiko zabaldua zegoen, baina nobleziak nahiago zuen ezkerretik joan. 1792an gobernu iraultzaileak eskuinetik gidatzeko dekretua onartu zuen, baina Napoleonen armadak lortuk zuen arau hura, ez soilik Frantzian, baizik eta konkistatutako lurraldeetan ere, indarrean jartzea, esaterako, Herbehereetan, Polonian, Suitzan eta Espainian.
Batzuek diote Bonaparteren apeta hutsa izan zela, edo frantziar armadaren nagusitasuna adierazteko keinua. Beste batzuen ustez, garai hartan tropen zirkulazioa oso sarria zenez, eta askotan bideetan topo egiten zutenez, eskuinetik joateak eta armak kanpoaldean eramateak barne liskarrak saihesten laguntzen zuen. Horregatik eutsi omen diote uharteetan –Erresuma Batuan, Japonian eta Australian, esaterako– ezkerretik gidatzeari, tropak itsasoz mugitu ohi zituztelako.
Kolonizazioaren garaian, kolonizatzaileen arabera arautu zen zer alde erabili, eta XX. mendearen lehen erdialdean araudiak bateratzeko joera eta, hortaz, eskuinetik gidatzeko ohitura zabaldu zen.
Egun, herrialde gehienetan eskuinetik gidatu behar da, baina ez dirudi herrialde "ezkertiarrak" aldez aldatzeko asmorik dutenik, 1967an suediarrek arazo handirik gabe egin daitekeela frogatu zuten arren. | news |
argia-e67d9d7a8dc0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/oporrak-4.html | GPSaren "demokratizazioak" abiarazi zuen mundu mailako altxor bilaketa jolasa | Unai Brea | 2016-06-12 | GPSaren "demokratizazioak" abiarazi zuen mundu mailako altxor bilaketa jolasa
Labur esanda, geocachinga –uko egin diogu euskarazko hitz baliokide bat asmatzeari– ezkutatutako "altxor" edo cache-ak aurkitzeko helburua duen jarduera da, GPS teknologia baliatuta. Parte hartzeko, www.geocaching.com webgunean sartu eta kontu bat sortu beharra dago; behin hori eginda, mundu osoko ezkutalekuen koordenatuak izango dituzu eskura.
Ez duzu urrun joan beharko, ia europar guztiok bizi omen baikara geocache batetik oso gertu. Adibide modura: Hitz hauek idazteko erabili den ordenagailuaren inguruan 729 ezkutaleku daude. Bi milioi eta erdi cache daude munduan, 180 herrialdetan, eta dagoeneko hamar milioi pertsona daude izena emanda geocaching.com-en.
2000. urtean hasi zen guztia, AEBetako Gobernuaren erabaki bati esker. Ordura arte, GPS teknologiaren erabilera mugatuta zegoen, Eskuragarritasun Selektibo esaten zitzaionaren bitartez. Funtsean, GPS sistemaren seinalea nahita degradatzean zetzan Eskuragarritasun Selektiboa, erabiltzaile zibilek jasotzen zituzten koordenatuen zehaztasuna gutxitze aldera. AEBen segurtasunaren izenean hartutako neurria zen noski: militarrek ez zieten balizko terroristei lana erraztu nahi. Ejem.
Washingtonek iragarrita zuen beranduenez 2006an Eskuragarritasun Selektiboa ezabatuko zuela; azkenik, 2000ko maiatzaren 2an egin zuen. Albisteak poz handia eragin zuen GPS erabiltzeko zaletasuna dutenen taldeetan –bai, hori ere existitu egiten da–, eta haietako batek, Dave Ulmerrek, sistemaren zehaztasuna neurtu nahi izan zuen. Maiatzaren 3an kubo bat gorde zuen etxe inguruko basoan, barruan hainbat objektu zituela, eta koordenatuak idatzi zituen GPS-zale webgune batean, "altxorra" aurkitzeko erronka zabaltzeaz batera.
Handik hiru egunera, bi pertsona iritsita zeuden Ulmerren kubora. Hilabete geroago, maiatz amaieran, geocaching hitza asmatuta zegoen, eta urte bereko irailean ireki zuten webgunea. Mundu osoko cache-en kokapena ez ezik, eskuko telefonoetan erabiltzeko app bat eskainiko dute –ez duzu arduratu behar GPS seinalea jasotzeko gailua erosteaz–, eta bide batez forma eta tamaina askotako edukiontziak dituzte salgai. Batzuk erraz aurkitzekoak dira, beste batzuek aldiz kamuflajea dute helburu, perretxiko baten forma dutenetatik barraskiloaren oskola diruditenetaraino. Politena, dena den, nork berea lantzea da.
Ezkutatzaie zein bilatzaile, esan gabe doa bietan aritu zaitezkeela. Ezkutatutako edukiontzi bat aurkitutakoan, gogoratu webgunean berri emateaz. Bertan aurkituko duzun kaieran sinatzea ere ez ahaztu. batzuek objektu sinpleak dituzte barruan. Nahi baduzu bat eraman dezakezu, baina hala egitekotan beste bat utzi ordainetan, arren. Gainerako argibideak, www.geocaching.com-en. | news |
argia-f3906b2472e7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/liburua.html | Pertsona politikoki okerrak | Saioa Ruiz Gonzalez | 2016-06-12 | Pertsona politikoki okerrak
Egoki eta desegoki denaren gaineko ikuspuntu eta iritzi infinitu dagoela esan ohi da, gizaki adina. Har dezagun, baina, desegoki terminoa eta saia gaitezen hau definitzen. Gertatzen dena da, pertsona bat edo ekintza bat desegokitzat jotzeko, erreferente gisa funtzionatzen duen irizpide baten beharra dugula. Eta hura, gehienetan, gizartean egokitzat hartu ohi diren jarreren arabera eraikitzen da. Hortaz, esan daiteke bata dela, bestea ez denaren araberakoa eta alderantziz. Desegoki terminoa ezin da bere aurkakorik gabe definitu. Honenbestez, niri galderak sortzen zaizkit: beti kontrakoak izan behar dutela baieztatzen duen ideia horretatik, esan nahi baita, ez al dago desegoki den pertsona edo ekintza egokirik? Beste modu batera formulatzearren, desegoki hitzak beti al du konnotazio negatiboa? Egoki dena izan al daiteke desegoki? Eta alderantziz?
Horrelako galderak eta beste asko formulatzera bultzatzen gaitu Gaizka Zabarteren Jende desegokia (Susa, 2015) eleberriak. Ikusten denez mugak oso lausoak dira, eta buru-jan antzeko baten biktima izanen da Peter Zuazo izeneko pertsonaia, Desegokien Elkartetik email bat jaso ondoren. Email horretan, DESegoki izeneko jardunaldietan parte hartzeko eskatzen diote. Noski, Peterren lehen inpresioa, edozein pertsonak izango lukeenaren antzekoa izanen da: zergatik ni? Desegoki al naiz? Zer egin dut pertsona desegokitzat har nazaten?
Hitzaren konnotazio negatibotik abiatuta, bere bizitza birpasatzeari ekingo dio pasarte desegoki baten bila. Honela jakingo dugu, Postariaren mendekua eta Uzkitik isuritakoak izeneko lanen idazle infrarrealista damutu bat dela, postan lan egindakoa zela moto istripu batek jarduna geldiarazi zion arte. Zuazo pertsona bakartia da, gizartetik isolatua bizi dena. Laburbilduz, anakoreta bat, eta askoren begietan pertsona desegokia. Antzera gertatuko da gainerako pertsonaiekin.
Eleberria, pertsonaien bizitzen etengabeko aurrera-atzera eta alderantzizko ibilbide bat da. Egitura aldetik ez da liburu sinplea. Kapitulu batetik besterako saltoak zenbaitetan hain dira bat-batekoak ezen, behin baino gehiagotan, haria berreskuratzeko zailtasunak izan baititut. Nolanahi ere, oinarrizkoena ulertzeko gauza izan naiz, eta eleberriak aurrera egin ahala, konturatzen gara jende desegoki honek guztiak baduela sozialki integratzeko zailtasunik. Egokitu eziniko pertsonaia hauek 80ko hamarkadan kokatzen dira, ukazioa legetzat izan zuten urteetan hain zuzen ere. Eta gu, irakurleok, ekintza eta jarrera artistiko politiko desegoki horien lekuko bilakatuko gara. Baina, kasu honetan, zein da desegokitasun terminoari eman beharreko konnotazioa? | news |
argia-2b47fab3fa97 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/euskararen-herria.html | Euskararen herria | Mikel Irizar | 2016-06-12 | Euskararen herria
Nafarroan aldaketa politikoa gobernuan nabarmendu da, baina maila bertsuan aldatu dira udalak eta kontzejuak; eta hauek biltzen dituen federazioan udal euskaltzaleak dira nagusi. Ez daukat ahazteko irratian Tuterako alkatea –Ezkerrakoa– euskaraz entzuteak eragin zidan emozioa.
Euskal Autonomia Erkidegoan EUDELen inguruan akordio politiko zabala egon da, baita udalen legea adosteko ere. Kasu honetan, azpimarratzekoa da euskararen aldeko konpromisoa indartu izana, bai legean eta bai elkargoan.
Eta Iparraldean udalen gehiengo zabalak dagoeneko onartu du haien elkargoa, hizkuntza politikan ere eskumenak izango dituena. Okerrik ezean, urte berriarekin abiatuko da eta aurrekontu polita aurreikusten zaio.
Gauzak horrela, uste dut eskura daukagula euskararen herria antolatzeko aukera udalgintzatik. Udal elkargoen arteko lankidetza normala da, eta lege orokorrek erraz onartzen dute ondasun komun immaterialak –kultura eta hizkuntza– kudeatzeko. Alde horretatik, Europako legedian aukera balegoke. Eta gurean borondatea? Zertan da euskalgintza?
Euskararen inguruan gogoeta ugari dabil azken urteotan. Biziberritze prozesua bidegurutze batera iritsi dela eta, euskaltzaleon buruak dantzan jarri dira. Esanguratsua izan da Berrikusi eta berrikasi dokumentuak herriz herri egin duen ibilbidea, edota Patxi Saezen Elefantea ikusi proposamenak izan zuen hedapena, sarean eta bestela.
Uste dut orain arteko emaitzarik biribilena dela HPSren Euskararen Aholku Batzordeak aho batez eta ilusioz onartu berri duen Eta hemendik aurrera zer? dokumentua. Esango nuke hor finkatu direla etorkizuneko hizkuntza politikaren kontzeptuak eta ikuspegia, hor dagoela egitekoaren enborra.
Beste bi ekimen aipagarri: lehena, Eusko Ikaskuntzak gidatzen du eta bi urteko ortzimugarekin ari da lanean. Hastapenetan badago ere, anbizioa eta berritasuna dario, eta jarraitu beharrekoa da. Bigarrena da Gipuzkoako Aldundian euskararen gizarte erakundeekin hasi dugun parte hartze prozesua. "Zer egin behar dugu diferente eraginkorrago izateko?", galdetu diogu geure buruari eta ahalegin berezia egin dugu metodologian ere berritzaile izateko. Ilusioa sumatu dut prozesuan, eragileon jarduera birrasmatzeko prestutasuna; eta deigarria egin zait oraintsu arte nagusi ziren ikuspegi zenbaiten kotizazio baxua.
Labur: aukera badago euskararen herria artikulatzeko udal elkargoak oinarri, eta borondatea sendotzen ari da euskalgintzan bide eta molde berriei ekiteko.
Eta euskararen herria indartuta, biziberritze prozesuan jauzi egingo genuke eta hiztun komunitatea eraginkorragoa litzateke erabaki orokorrak hartzeko orduan. | news |
argia-866c75a107a8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/zer-prezio-du-zure-minbiziak.html | Zer prezio du zure minbiziak? | Xabier Mendiguren Elizegi | 2016-06-12 | Zer prezio du zure minbiziak?
Zuk ezetz pentsatuko duzu igual, osasunak ez duela preziorik eta itsuskeria dela dirutan neurtzea, baina gure gizarte honek zenbateko bat jartzen dio gauza orori: zoaz aseguru-etxe batera, eta ikusiko duzu zenbat balio duen ezker eskuko hatz txikerrak edo zenbat sudur puntak, istripu batean galduz gero, adibidez. Urtetan amiantoarekin lan egin eta horren ondorioz hildakoen senideek ere ikasi dute zenbatean kotizatzen den minbizi bat, epaitegiek erabakitako kalte-ordainetan (nahiz eta garai hartan ez genekien sustantzia hura kantzerigenoa zela).
Gipuzkoako Aldundiak Zubietan zaborrak erretzeko labe erraldoi bat egin nahi duela-eta, haserre dabil herritar asko. Antzeko erraustegiak egin dituzten lekuetan kaltetuen elkarteak daude, abortuak, malformazioekin jaiotzen diren umeak eta minbizi-kasuak ugaritu egin direla diotenak. Histeriko kuadrilla bat ez dela baieztatzeko, mediku mordoxka bat ere plazaratu da, gauza bera esanez. Diputazioak, berriz, lasai egoteko, ez dagoela arriskurik, kontrolpean dagoela dena. (Nik berez ez dakit ezer gai hauetaz, baina halakoak entzuten ditudanetan Spielbergen Jaws filmaz oroitzen naiz beti, nola lehen hildakoak agertzean alkateak lasaitu nahi dituen herritar eta turistak, ezer arrarorik ez dagoela esanez).
Ahaldun jaun-andre txit gorenek Biodonostia enpresa publikoarekin egin dute akordio bat, erraustegiak izango dituen ondorioak neurtzeko. Zinikoa ez balitz,
barregarria litzateke
Kezkatuak baretzeko edabe magikoa balitz bezala, ahaldun jaun-andre txit gorenek Biodonostia enpresa publikoarekin egin dute akordio bat, erraustegiak izango dituen ondorioak neurtzeko. Zinikoa ez balitz, barregarria litzateke. Eman dezagun hurbil bizi den populazioan (bost kilometroko erradioan 50.000 inguru bizi da; 25 km-ra zabalduz gero, ia 500.000), %1 handitzen dela abortu-kopurua, edo malformazioena, edo minbiziena. Huskeria bat da %1 hori, ezta? Gainera, nola jakin erraustegiaren ondorio zuzena dela eta ez dela beste faktore batzuek eragina edo kasualitatearen emaitza? Zalantzazkotzat jo litekeen kalte horren aurrean, bertan behera utziko al dute hainbeste milioi kostatu den azpiegitura? Eta zer egin hortik aurrerako zaborrekin? Erraustegiaren eraikitzaile-kudeatzaileei ere berdin-berdin ordaintzen jarraitu beharko genuke, gainera.
Beraz, zuri edo zure etxekoren bati tokatzen baldin bazaizu %1 horretan egotea, pentsa zorte txarraren loteria egokitu zaizula, progresoaren aldarean egin beharreko sakrifizioa, errepideetan suertatzen diren istripuen antzera. Bestela, tentazioa izan zenezake eskrupulu gutxiko negoziante (garesti) eta mendeku politikoz ari diren agintari (merke) batzuei egozteko desgrazia horren errua. Gero epaitegien zain egon beharko dugu, jakiteko zenbatean baloratzen duten zure minbizia. | news |
argia-4baced032b0c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/udaberriko-irrika.html | Udaberriko irrika | Jakoba Errekondo | 2016-06-12 | Udaberriko irrika
Udaberriroko eztabaida: zer da goxoena, ilarra (Pisum sativum) edo baba handia (Vicia faba)? Nik zalantzarik ez dut: baba handia. Tipulin batekin olio pittin batean erdi erreta, a zer luxua! Felix lagunak patatekin (Solanum tuberosum) jaten omen du. Ni ere patatazalea banintz, halaxe jango nuke. Oraintxe loratzen ari dira patatak, eta seinalea da lorea: lurpean tuberkuluak osatzen ari dira. Hartu horzbikoa eta harrotu patata ipurdi batzuk. Hor azalduko zaizkizu patata berriak, azal eta guzti jateko modukoak, guri-guri. Udaberriko irrika! | news |
argia-eeea9b4f78c6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/gipuzkoa-zutik.html | Arnasa hartu nahi dutenen plaza | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2016-06-12 | Arnasa hartu nahi dutenen plaza
Gipuzkoako erraustegiaren aurkako eztabaida publikoak koska bat gora egin du maiatzaren 29tik ekainaren 5era bitarteko astean. Zubietako plantaren aurkako giza kate jendetsuari ekimen berri batek eman dio jarraipena: Gipuzkoa Zutik sortu da, Diputazioaren parean kanpaldi iraunkorra antolatu duen mugimendua. Gipuzkoarrei eragiten dieten problema ugariri buruz hitz egiteko elkargune bihurtu da hasieratik. Hau da lehenbiziko astean arnastu duguna.
Joan dira Donostiako udaltzainak maiatzaren 29ko arratsaldean Gipuzkoa Plazara eta espero ez zuten zerbait aurkitu dute: kanpaldi bat Foru Aldundiaren parean dagoen parkean, ehunka lagun hara eta hona, gauzak ekartzen eta lekua gauerako prestatzen. Eta denen artean mutil bat, Guardia Zibilaren txapel okerra buruan, Dragoi Bola telesailean Gokuk janzten zuenaren antzeko kirol-jertsea soinean eta ur pistola eskuan. Agenteengana hurbildu da eta zera esan die:
– Kaixo, problemarik?
– Bai, baimenik eskatu al duzue?
– Ez.
– Eta nork antolatzen du hau?
– Guztiok.
– Eta noiz arte egongo zarete?
– Botatzen gaituzten arte.
– Oso ongi.
– Egun ona izan dezazula.
Zubietako erraustegiaren kontrako giza kate jendetsua bukatu eta gutxira bildu dira plazan, sare sozialen bidez egindako deialdiari erantzunez. Gipuzkoa Zutik ekimena hasi besterik ez da egin eta dagoeneko lehenbiziko gaia mahai gainean jarri du: herritarrek ezin al dute plaza batean ezer antolatu aurrez baimenik eskatu gabe?
Isiltasun momentu bat lehenbiziko egunean bilduta daudenen zirkuluan: ez dago aurretik ezarritako planik. Hutsetik antolatzen hasi da Gipuzkoa Zutik
Deialdiak bizipoza eta lotarako zakua ekartzeko esaten zuen , 16:00etan biltzea proposatzearekin batera. Jendea hainbat zirkulutan bilduta dago 16:30ean iritsi garenean; horietako batera hurbildu eta berehala utzi digute esertzeko lekua. Banaka hitza hartzen ari dira, pertsona bakoitzak bere burua aurkeztu eta kanpaldiaren bidez zertan eragiteko gogoa daukan esplikatzen du. Hasieratik dago argi hau ez dela erraustegiaren aurkako zerbait bakarrik izango, Zubietako planta sinbolo bat dela, politika egiteko modu baten metafora, eta beste hainbat problemarekin lotzen dutela bildutakoek.
Txanda guztiak bukatu dira. Isilunea. Segundo batzuk pasa dira inork hitz egin gabe, borobilean daudenek elkarri irribarre urduriz begiratzeko adina; ez dutela elkar ezagutzen eta elkarrekin gauzak egiteko ohiturarik ez daukatela jabetzeko adina; eta konturatzeko, jarraian inork ez duela aurrez pentsatutako plan bat aurkeztuko. Hau da dagoena: zerbait egiteko gogoa daukaten pertsona batzuk zirkuluan bilduta. Eta orain zer? "Bueno, nik uste egin dezakegula…", hasi da bat. Eta pixkanaka beste batzuk ere animatu dira. Oraindik ez dakite, baina Gipuzkoa Zutiken parte dira jada, ondorengo egunetan modu batera edo bestera ekimenean zerbait egingo duten pertsona guztiak bezala.
Esperimentu politiko baten multiploak
Hemendik aurrera denbora dilatatzen hasten da eta gauza asko batera gertatuko dira. Lerro hauek ekainaren 5ean ari dira idazten, maiatzaren 29tik astebetera. Bitarte horretan, gizarte mugimendu arrunt batek zazpi egunean sor dezakeena baino askoz informazio gehiago produzitu du Gipuzkoa Plazako kanpaldiak. Ekintza zehatzak dira, gauzatuko diren eta bidean geratuko diren proposamenak; burutazioak eta harremanak; elkarrizketa asko, sortzen joango diren konplizitate berriak.
"Hauek dira benetako Gipuzkoako Batzar Nagusiak", dio norbaitek plazan. Egunero 19:00etako asanblada da mugimenduaren puntu zentrala, baina ardatz horrek garrantzia daukan arren, lantalde espezifikoek autonomia handia dute; eta pertsona bakoitzaren konpromiso txikiei esker abiadura biderkatzen joango da egunek aurrera egin ahala. Esperimentu politiko honek multiploak sortzeko ateak zabalik dauzka, edonork jar dezake martxan kezkatzen duen zerbaiten inguruan lanean hasteko dinamika.
Egunero 19:00etako asanblada da ardatza. Lan talde txikiek autonomia handia dute ordea, eta horri esker azkar pasa dira ekintzak antolatzera
Horrek hiriko beste leku batzuetara ere eraman du mugimendua. Lehenbiziko asteko agerpen esanguratsuenetako bat ostiralean izan zen, "Turismoak arduratzen gaitu" lemapean. Kontxako pasealekuan turistaz mozorrotuta, erraustegiak hirira bisitan datozenei egingo dien kaltea esplikatzen aritu ziren atzerritarrei. "Eskerrak haiek astebeterako datozela! Gu hemen bizi gara", dio sare sozialetan ekintza horretara deitzeko zabaldutako mezuak . Umorez salatu dute hiria turistak erakartzeko antolatzen dutela agintariek, bertakoen beharrak bigarren planoan utziz.
Baina hau ez da Donostian bakarrik gertatzen: hainbat herritan kartelak agertu dira ekimenari atxikimendua adieraziz eta larunbatean, Boulevarda manifestazio koloretsu batekin betetzen ari den bitartean, sei laguneko talde bat Irungo Bioterra azoka ekologikoan informazioa banatzen ari da buzo zuriak jantzita eta mugimenduaren ikur bihurtzen ari diren kutsaduraren aurkako maskarekin. Esku-orriek diotenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak horrelako feriak babestean garapen jasangarriaz hitz egiten du, baina "horri kontrajartzen zaion errauskailua eraiki nahi du".
Plaza abiapuntu, ez helmuga
Ekainak 1, asteazkena: udaltzainak azaldu dira Gipuzkoa Plazara. Bertan daudenei kanpaldia desegiteko esan diete eta, zer egin erabakitzeko bildu direnerako, agenteak eurak hasi dira kanpin dendak eta jendearen objektu pertsonalak eramaten. Deia berehala zabaldu da sareetan, jende ugari doa laguntzera, motxilak, mahaiak, banderak, otorduetarako tresneria eta salba daitekeen guztia hartu eta Elkano kalean barrena Boulevardera doaz urduri. Info Zazpi irratia ari da gertatzen dena kontatzen. Plazan zegoen pertsona bat sartu da zuzenean eta eman dituen azalpenen artean zera adierazi du: "Guk ez dugu plaza bat defendatzen, ideia bat defendatzen dugu".
Erraustegiaren kontrako mugimendua baino zerbait gehiago da hau: Zubietako planta sinboloa da, politika egiteko modu bat ordezkatzen du
Ñabardura garrantzitsua da, izan ere, Gipuzkoa Zutikek badu diferentzia bat orain arte Euskal Herrian ezagutu diren beste plaza-okupazioekin. Epaiketa politikoak salatzeko antolatu izan diren Askeguneetan, adibidez, kontakizunaren parte bat beti dago poliziaren esku: ekintza amaitzen da agenteek babestutako pertsonak atxilotzen dituztenean. Bidegabekeria plaza publikoan eta elkartasun-giroan gerta dadila lortzen da, baina gertakariaren abiapuntua injustizia da beti. Gipuzkoa Plazan, ordea, abiapuntua justizia sortzen hastea da, plazan egiten diren ekintzetatik hasita; eta horrek polizia bigarren mailako aktore bihurtzen du.
Nahiz eta, arratsalde berean, kanpaldia Gipuzkoa Plazara itzuli baino lehen, manifestazio baketsuan zegoen jendearen artetik pertsona bat aukeratu eta atxilotzen saiatuko den Ertzaintza. Biharamunean ere, polizia autonomikoaren dispositibo handia agertuko da eta bi lagun atxilotuko ditu desobedientzia delitua leporatuta –epaileak auzia artxibatu du bi egun geroago–. Badirudi asteak aurrera egin ahala, agintariek ezikusiarena egiteari utzi eta erreakzio-dinamika batean sarrarazi nahi izan dutela Gipuzkoa Zutik, herritarrek ordena publikoko arazo batekin lotu dezaten, plazaratu nahi dituen problema sozialak estaliz.
Bitartean, batzarrak jauzi txikiak ematen jarraitu du: ekainaren 2an bertan, emakumeek asanbladetan gutxiago parte hartzen dutela ikusirik, more koloreko ileorde bat janzten hasi dira gizonak hitza hartzen duten aldiro. Buru batetik bestera dabil ileordea eta horrela, gutxienez, parekidetasun ezaren problema ikusaraztea lortu dute. Hurrengo urratsa parte hartzea berdintasunezko baldintzetan ematea izango da.
Epaiketa politikoak salatzeko antolatutako Askeguneen aldean, Gipuzkoa Zutiken poliziaren esku hartzeak eragin txikiagoa izan dezakeela dirudi
Esperientzia politiko aurre-figuratibo bat daukagu parean: David Graeber antropologoak deskribatu izan duen moduan, honelako mugimenduen eguneroko praktikek islatzen dute nolako mundua sortu nahi duten. Normaltzat ditugun harreman motak ez direla aukera bakarra –ezta hoberena ere– sinetsita, gaur bertan ekiten zaio lortu nahi den gizarte-ereduan bezala funtzionatzeari. Hori bezain sinplea. Hori bezain konplikatua.
Aurrez ezarritako sailkapen sozialak nola gainditu
Marina Sánchezek esplikatu du zergatik den zaila, ekainaren 3an ekonomia feministari buruz eman duen hitzaldian. Bere esanetan, sistemak gizartea zatitan banatzen du eta pertsona bakoitzari rol batzuk ezartzen dizkio. Sakabanatze hori botere-mekanismo bat da: horri esker gordetzen dira eremu pribaturako kolektiboak izan behar luketen problemak, asanblada batean nork hitz egiten duen, adibidez. "Bizitza baloratzen hasten garenean jabetzen gara zenbat bizitzeko era desberdin dauden", dio Sánchezek adi entzuten dion talde batentzat.
Eta bai, hemen batzuk hasi dira baloratzen, "Bizitza da handiena" ez da alferrik bihurtu Gipuzkoa Zutiken eslogan nagusietako bat. Orain bizitzen ugaritasuna kontuan hartuz, geroz eta jende gehiagori hitz egingo dioten formulazioak sortzea da lana. Ezagutzen ditugun nortasun-eskemak gainditzea askoren kezka da plaza honetan. Ekai Txapartegi filosofoak maiatzaren 31n galdera jarri zuen mahai gainean: "Nola pertzibitzen gaituzte plaza honetan ikusten gaituztenek? Gure benetakotasunetik, nola neutralizatu dezakegu jendeak gutako bat ez izateko daukan hasierako jarrera?".
Gizartean ezarrita dauden estereotipoak haustea da erronka: nola lortu
ahalik eta mezu integratzaileena?
Non gauden kontuan hartuta, ez da zeregin erraza. Oraindik hurbil sentitzen den gatazka armatuak oso marko identifikagarriak utzi ditu herentzian eta tresna baliagarria dira aldarrikapen ugari marjinatzen saiatzeko. Aski da atzean ezker abertzalea dagoela esatea. Iñaki Anasagasti EAJko politikariak badaki zerbait horretaz, Gipuzkoa Zutik ETArekin lotu baitu bere blogean idatzi duen testu batean –tonua zein den ulertzeko, aski da esatea " ¡¡Alerta Euzkadi!! " hitzekin amaitu duela–. Jokamolde hori aho biko ezpata bihur daiteke ordea: mugimenduak gizartearen sinpatia lortzen baldin badu, mota horretako sailkapenak geroz eta sinesgaitzagoak bihurtuko dira iritzi publikoarentzat.
Amador Fernández-Savater igandean pasa da Gipuzkoa Plazatik . Hitz egitera gonbidatu zutenean aurreikusten zuen identitate-gatazkak oraindik pisu handia izango zuela honelako mugimendu batean, baina jaso dituen azalpenak entzunda, M15arekin antzekotasunak dituen mugimendua iruditu zaio. "Maitemintze fasean" ikusten du Gipuzkoa Zutik, hasierako energiarekin, gauzak berez ateratzen diren momentuan. Madrilen duela bost urte izandako esperientziatik hitz egin du esplikatu duenean, ondoren, heldutasun unea iristen dela, eta bidean problemak izango direla. Gaindituz gero, taldea indartuta aterako da. Sol plazako kanpaldiarekin diferentziak ere sumatu ditu: kontsentsuak lortzeak garrantzi berezia zeukan han eta horrek ekintzetara pasatzea atzeratu zuen; hemen berriz, batzarraren izaera ez hain zentralak erraztu egin du talde txikiagoek berezko iniziatiba hartzea. Hizkera eta ikonografia berriak sortzeaz ere mintzatu da, baita plaza txukun edukitzeaz ere, kanpotik datorrenak espazio lagunkoia ikusten baldin badu errazago parte hartuko baitu.
Edizioa ixteko ordua gainean dugu Gipuzkoa Plazara azken deia egin dugunean. Albistea eman berri dute Twitter bidez:
Asanbladan argi gelditu da, #ezgoazetxera hemen gaude eta aste honetarako egitaraua prestatuko dugu. Egon adi deialdiei! #GipuzkoaZutik
— Gipuzkoa Zutik (@GipuzkoaZutik) June 5, 2016
Lekukoek diotenez, igande eguzkitsu honetan haur dezente ibili da parkean; eta jendea belarretan eserita ikusita, turistak ere bertakoak bezala egiten hasi dira, kanpaldiko paisaiaren parte bihurtuz. Zaila da aurreikusten testu hau irakurtzen duzunerako zer gehiago gertatua izango den.
Informazio gehiago:
Gipuzkoa Zutiken zuzeneko jarraipena egiten ari gara egunero. Azken albisteak, argazkiak eta analisiak gure liveblogging-ean . | news |
argia-cbd1c01f2ea7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2511/ventana-al-valle-proiektua.html | Kubatar nortasunaren leihoak zabalik Gernikako Astran | Jabi Zabala | 2016-06-12 | Kubatar nortasunaren leihoak zabalik Gernikako Astran
Kubako Pinar del Río probintziako Viñales herrian Ventana al Valle proiektu soziokultural komunitarioa jarri zuten abian 2010ean, bertako kultura adierazpen jatorrei duintasuna eta bultzada emateko xedez. Proiektuak lagun ugari ditu gurean; horiek antolatu dute Ireki Leihoa Kubari jaialdia Gernikako Astran, ekainaren 10 eta 11n, Ventana al Valle ezagutzera emateko eta laguntza biltzeko asmoz.
Viñaleseko harana Gizateriaren Kultura Paisaia izendatu zuen UNESCOk 1999an. Paisaia horren ezaugarririk behinena harana inguratzen duten mogote izeneko kareharrizko muino biribilduak dira. Baina geologiaz harago, bertan bizi direnek garatutako kultura da kultura paisaia, ingurunearen eta gizakiaren arteko elkarrekintza. Adibidez, jendeen eta lurraren arteko harremanetatik sortu zen tabakoaren kultura Kuban, eta azken 200 urteotan garatu da Viñalesen, munduko tabakorik onenetakoa ematen duen Vueltabajo eskualdean. Hori bezala kolonizaziotik aurrera garatutako beste hainbat adierazpen sinkretiko eta jator aurkituko ditugu Viñalesen: yoruba eta kreole dantzak, dezimismoa eta repentismoa, ahozko literatura eta beste asko, kubania esaten dioten izaera ukiezin hori osatzen dutenak.
2010ean aurkeztu zuten Ventana al Valle proiektua, eskualdeko eta Kubako kultura nortasunaren ezaugarririk behinenak sustatzeko helburuz
Viñaleseko gizarte txikian aldaketa handiak izan dira azken urteotan, irla osoan bezala, baina bertan berriagoak dira eta azkarrago ari dira gertatzen aldaketok. Duela gutxi arte, erabat nekazaritzari emana zen Kubako mendebaldeko herri hau, guajiroa, hangoen izendapena hartuta. Turismoak, berriz, goraldia ekarri dio herriko ekonomiari, baina nagusiki ostatatzearen inguruan eta zerbitzuen arloan dihardutenei eman dizkie dibisak, eta biztanleen arteko ezberdintasun ekonomikoak areagotu dira. Kulturari dagokionez, Ventana al Valle proiektuko kide Miguel Angel Díaz Catalá idazlearen esanetan, "zenbait kultura-kontsumo ohitura arrotz nagusitu dira, herriko kultura tradizional eta herritarrarekin zerikusirik ez dutenak, eta nagusiki turismoaren bidez sartzen ari dira".
Bestalde, AEBekiko harremanak normaltzearen eta irlan egon diren lege aldaketen ondorioz, turismoaren igoera handia aurreikusten da datozen urteotarako: "Kuba gero eta sartuago dago mundu globalizatuan, eta turismoak gero eta leku handiagoa du Viñaleseko bizitza sozial eta ekonomikoan", uste du Díaz Catalák.
Kubaren nortasuna sustatzeko leihoa
Eragin horiez kezkatutako kultura eragile batzuk biltzen hasi ziren, horien artean Díaz bera, Daysee Amador irakaslea eta Ricardo Alvarez historialaria, eta 2010ean Ventana al Valle proiektu komunitarioa aurkeztu zuten, eskualdeko eta Kubako kultura nortasunaren ezaugarririk behinenak zaintzeko eta sustatzeko helburuz, belaunaldi berrietarako transmisioan arreta handia jarrita. Proiektuak harrera ona izan du herrian, eta jende asko ari da esku hartzen. Dantza eta antzerki taldeak antolatu dituzte, baita musika, repentismoa, historia eta pintura lantegiak ere. Emanaldi ugari egin dute inguruetan Arison eta Arichiqui dantza taldeekin eta hainbat sari jaso dituzte, azkenetakoa Kuba osoko Iraultzaren Defentsarako Batzordeek (CDR) emana. "Auzoko gauak" izeneko emanaldi ugari egin ohi dute eta horien berri ematen dute ventanaalvalle.org webgunean eta Facebooken.
Baina proiektuak hazi egin nahi du, eta orain kulturgune bat eraiki nahian ari dira, beharrezkotzat baitute sortzaileek euren lanak agertuko duten ranchón edo antzoki modukoa. Duela urtebete hasi ziren lanak, hainbat oztopo burokratiko gaindituta. Agertokia, aldagelak, grabaketa estudioa eta beste azpiegitura batzuk izango dituen eraikina altxatzen ari dira, baina sarri lanak gelditu egiten dira, material edo diru faltagatik. "Tokiko administrazioak, egun, hezkuntza, osasuna eta etxebizitza lehentasunezkoak izanik, ezin dio proiektuari dirurik eman, baina beste laguntza mota batzuk ematen dizkigu eta haren onarpena dugu", azaldu du Díaz Catalák.
Turismoak goraldia ekarri dio Viñaleseko ekonomiari, baina nagusiki zerbitzuen arloan dihardutenei eman dizkie dibisak, eta biztanleen arteko arteko ezberdintasun ekonomikoak areagotu egin dira
Beren burua finantzatzeko asmoz, gela bat prestatu dute turistak hartzeko. Etxe pribatu baimenduetan egiten da ostatatzearen zati handi bat Kuban, eta horrek, turistei herritarrak hobeto ezagutzeko aukera emateaz gain, irabaziak sozializatzen ditu hein batean. Ventana al Valleren kasuan, turismoaren ondorio txarra –ezberdintasunak sortzea– kendu eta komunitatearentzako onura bihurtzen da. Bigarren gela bat gaitzeko lanean dabiltza eta udarako prest izango dute. Hala ere, hori eraikuntza ordaintzeko nahikoa ez eta Euskal Herriko lagun batzuk antolatu egin dira proiektuari elkartasuna bideratzeko, irlan bizi diren zenbait euskaldunen laguntzarekin.
Euskal Herriarekin lotura
Kanpoko bisitari ugari igaro da azken urteotan Ventana al Valle proiektutik, horietako asko euskaldunak. Euskal Herrian bizitzen egona da Díaz Catalá, eta hortik etorri zitzaion hastapenetako harremana euskaldunekin. Gerora proiektuaren berri ematen aritu da eta urtero euskaldun ugarik bisitatzen du. Izan ere, kubania-ren funts jator, ukiezin eta batzuetan zehaztugabe horien bila hurbiltzen dira bisitarietako batzuk Viñalesera, eta proiektuan aurkitzen dute Kuba osoan gero eta atzematen zailagoa den espiritua, sorkuntza giro irekian.
Euskaldunek konplizitate berezia sumatzen dute hasieratik Ventana al Vallen, irlako beste leku askotan ez bezala, han jendeak Euskal Herriaren berri baitu. "Familia giroa da, beharrizan kulturalak oso antzekoak dira munduko bazter guztietan, baina han oso inplikatuta ikusi dugu jende asko. Leku fisikoa oraindik lortu gabe ere, proiektua hain bizirik egoteak harritu ninduen", dio iaz han egondako Naroa Idoiaga gernikarrak. "Beste asko bezala, bizpahiru egun emateko asmoz hurbildu ginen Viñalesera, eta proiektua ezagututa astebete baino gehiago geratu ginen".
'Kubania'-ren funts ukiezin horien bila hurbiltzen dira bisitari batzuk Viñalesera, eta Ventana al Vallen aurkitzen dute Kuba osoan gero eta atzematen zailagoa den espiritua
Euskal kudeaketa taldeak hainbat ekintza antolatu ditu egitasmoa ezagutarazi eta harentzako laguntza biltzeko: erakusketak, hitzaldiak, azoketan materiala saltzea… Amparo Loizaga da talde horretako arima, eta pasioz mintzo da proiektuaren inguruan: "Maitemindu ninduen jende hauek beren identitatea bertokoen zein bisitarien artean aldarrikatu eta zabaltzeko duten grinak; Euskal Herriak ere, desberdintasunak gorabehera, horrelako aldarrikapena egin du eta harro gaude gure kulturaz", dio Loizagak. Bertakoek bertakoentzat egindako proiektua da Viñalesekoa, baina kulturen arteko topagunea ere bada, Loizagak dioenez: "Txalapartari edo bertsolariak badoaz, bertan aritu behar dute, hangoekin batera, hartu eta emateko lekua baita". | news |
argia-9ccaa9fe529a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/etorkizuneko-pentsio-sistemaz-bost-galdera-eta-erantzun.html | Etorkizuneko pentsio sistemaz bost galdera (eta erantzun) | Urko Apaolaza Avila | 2016-03-06 | Etorkizuneko pentsio sistemaz bost galdera (eta erantzun)
EAJk euskal Gizarte Segurantza bat edukitzeko egindako proposamenak pentsioen inguruko eztabaida ekarri du mahai gainera beste behin. Jeltzaleek onartutako dokumentuan diote bertan kudeatutako pentsio-sistema bideragarria litzatekeela, eta eredu mistoaren alde egiten dute. Betiko galderak sortu ditu gaiak, eta berriz ere agerian geratu da ororen gainetik erabaki politiko baten aurrean geundekeela.
Eztabaida ez da herenegungoa. Baina EAJk Iruñean bere afiliatuekin egindako batzar orokorrean euskal Gizarte Segurantza bat sortzeko egindako proposamenak erreakzio dezente izan du, seguruenik oraingoan, besteetan ez bezala, plana aurrera nola eraman azaltzeko xehetasunetan sartu direlako Sabin Etxeko buruak. Itxaso Atutxa EBBko presidenteak bota zuen irratian: "Euskadin gai ekonomikoak kudeatu ditugunean emaitza hobeak izan dira".
PSEk bideragarritasun faltaren mamua haizatu du berehala –EAEn eta Nafarroan saldo negatiboa dugu joan den aspaldian– eta EH Bilduk elkarlanerako deia egin du. Koalizio abertzaleak, gainera, gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzeko proposamena egin du Espainiako Kongresuan, pentsiodunen plataformen aldarrikapenarekin bat eginez.
Baina nolako pentsio sistema beharko genuke etorkizunean? Hori marrazten laguntzeko hona hemen oinarrizko bost galdera eta erantzun.
1) ZEIN EGOERATAN GAUDE?
Gizarte Segurantza Gernikako Estatutuan onartua dagoen arren, eskumen hori ez da inoiz transferitu. Ondorioz, Espainiako Estatuaren "kutxa bakarra" deiturikotik jasotzen dituzte jubilatuek eta beste gizarte sektoreek euren pentsioak. Azken bederatzi urteetan EAEko eta Nafarroako kotizatzaileek kutxa horretara ekartzen dutena baino gehiago hartzen dugu bertako pentsioak ordaintzeko –Hego Euskal Herrian 660.000 pentsiodun dauden orotara–.
Defizit hori erabili ohi dute eredu zentralizatuaren aldekoek argudiatzeko euskal pentsio-sistema ez litzatekeela sostengagarria izango, denera 2.000 milioi euroko desfasea bailegoke. Haatik, egoera "koiunturala" dela uste dute jeltzaleek, eta pentsioen iraunkortasunean beste faktore batzuk daudela: lan merkatu egitura, soldaten bilakaera, eta abar. Bideragarritasunaren eztabaida horretan, LABek ere sartu du eztena: kontua ez da berezko pentsio-sistema bideragarria ote litzatekeen, baizik eta bideragarri nola egin daitekeen.
Espainiako pentsio-sistema eredua agortutzat jo du bertako eragile askok. Datu deigarri bat: azkeneko lau urteetan Madrilek eskua sartu du pentsioen erreserba-funtsean eta 66.000 milioi euro aurreztuta edukitzetik 33.000 milioi izatera igaro da. Pausu honetan 2019an eltzeitsua hutsa legoke. Defizitaren arazoa orokorra dela nabarmen uzten du horrek.
2) GERO ETA ZAHARRAGOAK BAGARA, NOLA EUTSI PENTSIOEI?
Populazioa zahartzen ari da, haur gutxiago jaio eta beranduago hiltzen gara. ELGE, Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera 64 urtetik gorako biztanleria %28 izatetik %51ra igaroko da 2050ean. EAEn kotizatzaile bakoitzeko 1,68 pentsiodun daude eta Nafarroan estaldura 1,96koa da. ELGEren errezeta kontraesankorra da: lan merkatua are gehiago malgutu eta erretiro aurreratuak ezabatzea –PPren lan eta pentsio erreformetan sakontzea, agidanez–.
Txanponaren beste aldeari ez zaio erreparatzen ordea. Gazteentzako lan eta soldata duinak izateko aukerak sustatuz gero, kotizazio-oinarrien batez bestekoan sumatuko litzateke, eta jaiotze-tasan ere izango luke eraginik. Pentsioen auzia erabat lotuta dago gazteen lan-munduratze baldintzekin.
3) ZEINEK ORDAINDU BEHAR DITU PENTSIOAK?
Gaur egun dugun sistema publikoa kontributiboa da zati handienean. Hau da, soldata gordinetik zenbateko bat bideratzen dugu pentsioen "kutxa" hori elikatzera, eta ordainetan etorkizunean kotizatuaren araberako pentsioak izango ditugu –gutxieneko eta gehienezko kopuruen barruan, noski–.
Europako hainbat herrialdetan, ordea, mekanismo misto bat dute. Hau da, pentsioen kostuaren zati bat aurrekontuen bizkar ordaintzen da; Estatuak bermatzen ditu pentsioak, ospitaleak eta eskolak irekita egotea bermatzen duen gisan.
Sistema zergen bidez finantzatzeko aukera ere hor dago. EAJk onartu berri duen dokumentuan dio pentsio ez kontributiboak eta diru-sarrerak bermatzeko errenta, zergetatik jasotakoarekin ordainduko liratekeela.
4) PRIBATIZAZIORANTZ AL GOAZ?
Jeltzaleek beste finantzabide bat ere aurreikusi dute: prestazioak osatzea EPSVekin. Aurreikuspen sozietate horiek Euskal Autonomia Erkidegoan pisu handia dute eta milaka milioi euroko aurrezkiak biltzen dituzte. Hobariak dituztenez, askotan egon izan dira ihes fiskalaren salaketen zurrunbiloan.
Publiko-pribatu aferak mesfidantza handia sortzen du, baita pentsioen gaian ere. Agian erabilera egoki batekin langileen erretiroa duintzeko balio lezakete. Esaterako, funtzionarioek badituzte euren EPSVak, Itzarri eta Elkarkidetza. Kasu zehatz honetan, negoziazio kolektiboan jasota dagoenez, administrazioak zenbateko bat jarri behar du EPSV horiek hornitzeko –ELA sindikatuak salatu izan du Eusko Jaurlaritza ez dela ekarpen horiek egiten ari–. Nolahai ere argitu beharko litzateke pentsio-publikoak murriztea ote den aurreikuspen osagarriak sustatzearen ordaina.
5) NOLAKOA BEHAR LUKE PENTSIO SISTEMA JUSTU ETA SOLIDARIOAK?
Hego Euskal Herriko hamar pentsiodunetik zazpik hilean 1.000 euro baino gutxiago kobratzen du gaur egun, eta horietatik erdiak 665 euroko batez besteko pentsioa du. Etorkizuneko euskal Gizarte Segurantzak pentsio duinak eskaintzeko, zenbat behar da? Zeinek zer jarri beharko luke?
Euskal Herriko Pentsiodunen plataformak garbi du 1.080 euroko langatik behera pobrezia eta bazterkeria besterik ez dagoela. Horretarako herri-ekimen legegilea aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, eskatuz pentsio baxuenak osatu daitezela gutxieneko horretara iritsi arte. Baina ekimena atzera bota diote EAJ, PSE eta PPren kontrako botoekin. Orain sinadurak biltzen ari dira. | news |
argia-d248c4b28974 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/katu-arkonada.html | �Kudeaketa ez da sexia, erakargarriago zaigu erresistentziaren kultura� | Joanes Etxebarria | 2016-03-06 | �Kudeaketa ez da sexia, erakargarriago zaigu erresistentziaren kultura�
2009tik 2014ra La Pazen bizi izan da eta lan anitzak egin ditu Boliviako Gobernuan. Urte batez Mexikon egon ondotik, erreferendum kanpainarako laguntza ekartzera itzuli da Evo Moralesen Gobernura. Idatzi berri duen Escenarios y horizontes del cambio de época en América Latina liburua argitaratuko du Hiru argitaletxeak laster. Hainbat hedabidetan, gainera, analista politiko lanetan aritzen da.
Ibilbide luzea ukan duzu Boliviara iritsi aitzin, nolakoa izan da?
Zaila da laburtzea. Ene burua definitu nezake militante internazionalista bezala. Euskal Herrian ikasi nuen hori, ezker abertzaleko militante gisa, baina baita Latinoamerikan ibilitako militante internazionalista modura ere. Kubara bidaia egin nuen lehen aldiz 1997an. Kubak anitz irakatsi didan bezala Venezuelak ere asko irakatsi dit 2003an izan nintzen lehen aldiaz geroztik. Boliviarekin zorretan nengoen, ezagutzen ez nuen ezkerreko aldaketa prozesu bakarra zelako. Ibilbidea laburtuz, etorri nintzen hilabete batzuk pasatzera, prozesua ezagutzeko, eta harrapatu ninduen, maitemindu nintzen.
Hemen garaipenak aipatzen dira, zure jatorrizko herrian gutxiago. Hori ere erakargarria izan al da?
Bai, baina –Arnaldo Otegiren hitzak baliatuz– irabazteko militatzen dut, nahiz eta ezkerrean, orokorki, porrotaren kultura daukagun. Latinoamerikako prozesu hauek irakatsi didate batek zinez nahi badu bere jendartea aldatu eta subiranotasuna berreskuratu maila guztietan, boterea hartu behar duela. Boterea abstraktua da, baina gutxienez gobernua hartu behar duzu. Gero konturatzen zara gobernua baduzula, baina ez duzula botere guztia. Horrek ekartzen du borroka latza ekonomian, eta bereziki maila kulturalean. Nola eraikitzen da hegemonia? Hori da galdera. Herri batentzat proposamen alternatiboa eraikitzea, gobernua irabaztea, botere politikoa, ekonomikoa eta mediatikoa borrokatzea... hori guztia egin dute hemen, eta ni pribilegiatua sentitzen naiz prozesu honek iraun duen denbora erdian baino gehiagoz lagundu izanaz. Onartu nautelako harro sentitzeaz gain, Euskal Herrian egun batean –diferentziak diferentzia– martxan jarri beharko den prozesurako irakaspenak hartzen ari naiz hemen.
Latinoamerikaz ari zarela sarri aipatzen duzu kudeaketak higadura dakarrela. Euskal Herrian ezker abertzaleak instituzioak kudeatu ditu, han ere higadurarik izan al da?
"Latinoamerika da munduan neoliberalismoari alternatiba eraikitzen dion bakarra"
Esan izan dut kudeaketa ez dela sexia. Nahiago dugu erresistentziaren kultura, erakargarriagoa da. Gobernuak beti sufritzen du nolabaiteko higadura. Hor Alvaro Garcia Linerak (Boliviako presidente ordea) oso ongi teorizatzen duen zerbait sartzen da jokoan: iraultzaren tentsio sortzaileak, herri barneko tentsioak aipatuz. Aterabidea bilatzen badiezu, tentsioek aurrera joaten laguntzen dizute. Tentsioetarik bat hala izendatzen du: malgutasun hegemonikoa nukleo sozialeko irmotasunaren parean. Hau da: nola garatzen duzu zure proiektua, nola barneratzen dituzu beste sektore sozialak (klase ertainak, enpresa sektoreak...) nukleo gogorrak babesten duen zure oinarrizko proiektuari kontzesio gehiegi egin gabe, nukleo hori galdu ez dezazun.
Euskal Herrian, ezker abertzale soziologikoa –zentzu zabalean ulertuta– krisian baldin badago ez dut uste kudeaketa arazo batengatik denik. Nahiz eta segur aski kudeaketa instituzionalean gauza batzuk gaizki egin diren, instituzioetan kudeaketa politiko ona egin da. Trantsizio une korapilatsu batean gaudela uste dut. Konfrontazio politiko-militarraren aroa ixten ari da, eta iduri zait gelditu garela kohesio elementurik gabe. Bat-batean konturatzen ari gara taktika eta estrategia desberdinak ditugula ezker abertzalearen barruan.
"Arranguratzen nau EH Bilduko arduradun batzuk EAJ limurtu nahian ibiltzen ikusteak"
Hori pasa da Bolivian ere: denek etsai amankomuna zeukatenean, AEBk lagundutako eskuina alegia, konfrontazio argia zegoen eta kohesioa azkarra zen oinarri sozialean. Eskuina politikoki eta militarki garaitu zenean, 2008ko iraila eta 2009ko urtarrila artean (konstituzio berria gehiengo absolutuarekin onartu zuten), orduan hasi ziren tentsioak agertzen. Ez da gehiago proiektu bera defendatzen baizik eta korporatiboki: meatzariak haiena eta laborariak haiena babesten hasten dira, eta gobernuaren kontrako mobilizazio azkarrak ere egin ziren. Orain konponduak dira arazoak. Estrategia eramateko modu desberdinen arteko trantsizio hori bizitzen ari gara. Arranguratzen nau, adibidez, EH Bilduko arduradun batzuk, behin bai bestean ez, EAJ limurtu nahian ibiltzen ikusteak. Katalunian, esaterako, jendarte zibiletik hain kalibre handiko dinamika abiatu zenez, burgesia txikia eta handia behartuta sentitu ziren subiranotasunaren trenera igotzera. Euskal Herrian ez dira baldintza horiek.
Bolivian beste herri batzuetan bezala, liderraren figura azkarra da, azkarregia ere pentsa daiteke.
Latinoamerikan, azkenean, prozesu horietan guztietan lider bakarrarekiko dependentzia sortu da. Kasu argiena Venezuelakoa da, Chavezekin. Bera hil ondotik krisi handia gertatu zen. Erran gabe doa inperialismoa horretaz baliatu zela eta Madurori galdetu zitzaion Chavez izatea, baina hark ezin du izan. Hori oso eztabaida korapilatsua da ezkerrarentzat. Nire erantzun politikoki zuzena lidergo kolektiboen aldeko apustua litzateke, formakuntza politikoa beharrezkoa dela aipatzea... Eta hori guztia egia da, baina lidergo hauek agertzen direnean, bakarrak dira munduan: Fidel Kuban, Chavez Venezuelan eta Evo Bolivian. Evo bezalako liderrak ere behar ditugu, borroka guztiak sintetizatzeko.
Euskal Herrian ere gisa horretako lider bat izatea ona litzateke?
Badago bat. Arnaldo Otegi kartzelatik atera dadin desiratzen ari gara. Zergatik? Nahiz eta pentsa dezakegun zuzendaritza kolektiboa dela, Otegik frogatu du borrokak eta erresistentziak sintetizatzeko gaitasuna duen liderra dela. Arnaldo Otegi entzutean ordezkatua sentitzen zara. Ez du berak bakarrik aterabiderik bilatuko, baina une jakin batean dispositiboa da, klik egiten laguntzen duena, eta zerumuga edo proiektu bat oinarri sozial batekin sintonizatzen duena.
Ezker Abertzaleak Latinoamerikako prozesuetatik gehiago ikasi beharko luke?
Latinoamerikako teoriko handienetariko batek, Carlos Mariateguik, beti zioen proiektu sozialista propioak sortu behar direla, sorkuntza heroikoak izan behar direla eta ez kopiak, ez kalkoak. Hori erraten zuen Latinoamerika beti Europara begira zegoenean, eta begira nola dagoen Europa orain!
"Batzuek Europa iparraldeko herrietako sozialdemokraziari begiratzeko daukaten joera akats handia da"
Ezker Abertzaleak uste dut zortez kultura politiko heterodoxoa ukan duela, marxismotik zein askapen nazionaleko mugimenduetatik edan izan duelako. Hori aberastasuna da egungo egoerari aurre egiteko. Batzuek sozialdemokrazia europarrari (Europako iparraldeko herrietakoa) begiratzeko daukaten joera akats handia da. Beti ikas daiteke denetatik, Europako iparraldeko ezkerretik barne, baina honezkero sozialdemokrazia proiektu politiko gisa hil da, nahiz eta Podemos balore horien salbatzeko saiakera bat izan. Neoliberalismoari alternatiba eraikitzen dion munduko eskualde bakarra Latinoamerika da. Hemen eztabaidatzen da hainbeste interesatzen zaigun subiranotasunaz eta demokraziaz, baita demokrazia liberal eta burgesak ezarri zigun tranpatik harago dauden mugez ere. Gure proiektua eraikitzeko, asko dugu ikasteko, kopia izan gabe.
Gorakadan izan diren gobernu progresistak atzera doazela aipatzen da Argentinan edo Venezuelan jasandako porrot elektoralengatik. Krisian daudela uste duzu?
Marxek erraten zuen historia uhinak bezala mugitzen dela, aitzinatzeak eta atzeratzeak daudela. Egia da gorantz joaten ari ginela, eta bat-batean atzerapenean sartu garela, Chavezen heriotzatik hona. Venezuela baino gehiago arranguratzen nau Argentinak, 1998az geroztik galtzen den lehen gobernua delako. Gainera horri gehitu zaio petrolioaren prezioa ikaragarri jaitsi dela eta lehengaien salmenta oinarri duten ekonomiek sufritu dutela.
Subiranotasuna berreskuratu eta aberastasunak banatzeko gai izan den agertoki post-neoliberala eraiki dugun arren, ez dugu sortu ezinbestekoa den eraldaketa kulturala. Onartu behar da kapitalismoak segitzen duela hegemonia ukaiten maila kulturalean, Latinoamerikan eta mundu osoan. Orain erronka berriak izanen dira. Margoketa famatu batek zera dio: "Erantzunak geneuzkanean galderak aldatu zizkiguten". Eta hala gertatu zaigu. Latinoamerikan proiektua eguneratzea falta zaigu, berriz ere xarmatu behar direlako orain bozka eskubidea dutenak; bozkatzen ari baitira neoliberalismoa ezagutu ez duten belaunaldiak. | news |
argia-59e2cf900339 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/zergatik-erabiltzen-dira-korapiloak-itsasontzien-abiadura-neurtzeko.html | Zergatik erabiltzen dira korapiloak itsasontzien abiadura neurtzeko? | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-03-06 | Zergatik erabiltzen dira korapiloak itsasontzien abiadura neurtzeko?
Antzina, hurbileko erreferentzia fisikorik gabe, zaila zen itsasoan abiadura neurtzea. Prozesua ontziaren popatik soka bat lotuta zuen enbor bat edo egur zati bat botata hasten zen. Enborra ur azalean flotatzen eta geldirik geratu arte itxaroten zuten, eta ondoren hasten ziren itsasontzia egurretik zer abiaduratan aldentzen zen neurtzen.
Distantzia kalkulatzeko, sokari korapiloak egiten zizkioten, batetik bestera 47 oineko gutxi gorabeherako tarteak utziz, eta korapiloak kontatzen zituzten soka ontzitik irten ahala.
Baina abiadura neurtzeko, distantzia unitateez gain, denbora unitateak behar zituzten, eta harea ordulariak –minutu erdi ingurukoak– baliatu zituzten horretarako. Beraz, bi lagun behar ziren lan horretan: bata erlojua iraultzeko eta bestea korapiloak kontatzeko. Eta erabilitako tresnak oso zehatzak ez zirenez, emaitzak ere hala-moduzkoak izan ohi ziren.
Dena den, denboraren eta korapiloen arteko proportzioa doituz joan zen, orduko itsas miliekin bat egin arte, eta egun, sateliteen garaian, oraindik ere korapiloak dira itsasoan abiadura neurtzeko erabilitako unitateak. | news |
argia-8d83bf736272 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/mari-jose-sanz-bc3ko-zuzendaria.html | �Parisen gobernuek ez zuten adostu klima aldaketaren aurkako konpromiso zehatzik, konpromisoak hartzekoa baizik� | Unai Brea | 2016-03-06 | �Parisen gobernuek ez zuten adostu klima aldaketaren aurkako konpromiso zehatzik, konpromisoak hartzekoa baizik�
BC3, Basque Centre for Climate Change ikerketa-zentroko zuzendari zientifikoa da urtarrilaz geroztik. Hein handi batean Parisko COP21 gailurrean hartutako erabakiek ezaugarrituko dute zientzialarien lana klima aldaketaren alorrean, Sanzen aurkezpenean ondo nabarmendu zutenez. Eta Valentzian (1963) jaiotako biologo honi ez zaio eskarmenturik falta nazioarteko akordioen alorrean, azken urteetako COP gehienetan parte hartu baitu. Iazko abenduan egindakoaz galdezka hasi dugu elkarrizketa.
Paris osteko aroan BC3 zentroa zuzentzea izango da zure zeregina. Zeintzuk dira aro horren ezaugarriak? Alegia, zer ekarriko digu Parisko Hitzarmenak?
Parisek kontzientzia bat definitu du, bai klima aldaketaren zergatiak bai haren ondorioak herrialde guztien kontua direla, eta denoi dagokigula zerbait egitea. Gobernuek ez dute konpromiso zehatzik adostu, konpromisoak hartzeko konpromisoa baizik. Baita horiek modu gardenean eta aldiro jakinaraztekoa ere, eta jakinarazpen bakoitzean helburu handinahiagoak ezartzekoa. "Konpromisoa hartzen dugu" esateko modu bigunago bat da, Kyotoko Protokoloak ezartzen zituen helburu oso zurrunetatik –baina herrialde garatuentzat besterik ez– aldentzen dena. Parisen, halaber, aitortu egin da herrialde batzuk dagoeneko jasaten ari direla klima aldaketaren ondorioak. Baina nire ustez, norberak hartuko dituen konpromisoak jakinarazteko ezarri den mekanismoa da aurrerapausorik handiena.
Baina ez da mekanismo hertsagarririk ezarri konpromisook betearazteko.
Horrelako mekanismo bat eduki dugu: Kyotoko Protokoloa. Eta ez dugu askorik aurreratu, hertsagarria izateak helburu apalak jartzera eraman gintuelako. Gainera, helburu horiek betetzeko antolatu zen parafernalia oso konplikatua zen, eta bestalde, kasu askotan ez da borondate politikorik izan: batzuek ez zuten sinatu, beste batzuk atera egin dira... Lorpen batzuk izan dira, baina kuantitatiboki Kyotoren emaitza apala izan da. Parisek beste era bateko prozesua abiarazi nahi du. Kyoto eta Paris bitartean asko handitu da arazoarekiko kontzientzia, klima aldaketaren inpaktuen froga gehiago dugulako; aldi berean, askoz gehiago dakigu hari aurre egiteko erabil ditzakegun tresnez. Orain ikusteko dago zein den benetako borondatea. Paris aurretik estatu bakoitzak bidali zituen konpromisoak ez dira nahikoa, anbizioa handitu dadin bultzatzen jarraitu behar da.
Bultzatu bai, baina behartu ez...
Esan izan da Parisko Hitzarmena ez dela legalki loteslea, eta bada. Loteslea da bertan jasota dauden betebeharrekiko: konpromisoen berri ematea, eta gero eta helburu zorrotzagoak ezartzea. Kyotorekiko duen aldea da Parisek ez duela konpromiso absoluturik ezartzen aldez aurretik. Nolanahi ere, Kyotoko Protokoloa hor dago oraindik. Une honetan berresteke du bigarren konpromiso aldia. Gutxieneko estatu kopuru batek berretsiz gero, estatu horiek Kyotoko bidea jarrai dezakete, Pariskoaz gain.
Berandu gabiltza? Parisen hartu den akordio globala Kopenhageko gailurrean hartzekoa zen, 2009an.
Klima aldaketaren aurka borrokatzeak aldaketa sakona eskatzen du ekonomiaren egituretan, eta hori ez da egun batetik bestera lortzen, hausnarketa prozesu handia behar da. Uste dut klima aldaketak dakarkigun larrialdia azkartzen ari dela bestela ere beharrezkoa den prozesu hori. Eta beharrezkoa dela diot besteak beste gure baliabideak mugatuak direlako.
Parisek indartu du klima aldaketa denon ardura delako ideia, diozunez. Baina garapen bidean dauden herrialdeek aberatsei esan diete: borroka honetan buru-belarri sartu behar bagara, lagundu egiguzue aldi berean gure garapena ez moteltzen.
Hori izan da UNFCCCn (Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konbentzio Esparrua) egon den eztabaidarik handienetakoa, 1992an sortu zenetik. Lehen unetik, konbentzioaren zutabeetako bat da erantzukizun komun baina bereizitakoen printzipioa [denek dute ardura baina ez maila berean], kontua da ordutik hona bi aldeen arteko muga lausotu egin dela; ekonomia emergenteak, esaterako, bi blokeen artean daude orain. Ekonomia horiek saiatu dira erantzukizunen jatorrizko banaketa errespeta zedin; herrialde garatuenek aldiz, lausotu nahi zuten. Eta Parisek mantendu du bereizketa, baina ez hain erabatekoa. Erantzukizuna orain, Kyoton ez bezala, estatu bakoitzarena da.
Mundu mailako kanpaina batek eskatzen du erregai fosilen erreserba ezagunen %80 lurpean uzteko, klima hondamendi bat eragozteko. Zer iritzi duzu?
Posible bada, ez zait ideia txarra iruditzen. Ikusi beharko litzateke energia nahikoa sortzeko bestelako biderik ba ote dugun. Eta balantzak alde batera edo bestera egitea eragin dezaketen elementuak ager daitezke datozen urteotan. Demagun, esaterako, fusio nuklearra operatiboa izatea lortzen dela; errazagoa litzateke erregai fosilak lurpean uztea.
Ekonomiaren erabateko deskarbonizaziora iritsi gintezkeela uste duzu? Berotegi efektuko gasik batere ez isurtzera, alegia.
Uste dut baietz. Batez ere, erregai finituez ari garelako.
BC3ko ikerketa ildoetako bat klima aldaketak giza osasunean eduki ditzakeen inpaktuei buruzkoa da. Zer inpaktu dira horiek?
Azkenaldian gizartean eta osasun sistemetan kezka gehien eragiten duen gaietako bat bero boladak dira. Beste arazo bat da zenbait gaixotasunen bektoreak –animalia espezie batzuk, funtsean– gero eta eremu zabalagoetara hedatzea. Osasungintzak kontuan hartu behar ditu erronka berri horiek, eta egokitu. Beste inpaktu bat elikagai ekoizpenaren gainekoa da. Afrikan, esaterako, oso denbora tarte estua daukate haziak ereiteko, uzta ona lortu nahi badute. Klima aldaketaren ondorioz tarte horiek aldatzen ari dira; aldaketa ez da berez onerako ez txarrerako, baina nekazari askok ez dute haren berri. Betiko eran ereiten jarraitzen dute, eta uzta eskasagoak dituzte. Gaur egun proiektu asko dago nekazari horiei egokitzen laguntzeko.
Ez dakit Naomi Kleinen azken liburua (This changes everything, Honek dena aldatzen du) irakurri duzun. Ematen duen mezu nagusietakoa hau da: gutxi gorabehera denbora berdina daramagu batetik klima aldaketari aurre egiteko gailurrak antolatzen eta bestetik nazioarteko merkataritza globalizatzen. Klimaren gailurretan hartzen diren erabakiak eta Munduko Merkataritzaren Antolakundeak (MMA) hartzen dituenak kontrajarriak izaten dira maiz, baina beti MMArenak gailentzen dira. Bat zatoz?
Eztabaida bakoitza bere bidetik badoa horrelakoak gertatzen dira, eta esan beharrik ez dago zer nolako eragina duen MMAk. Ikusi izan da UNFCCCn, merkataritzari eragiten dioten zenbait alderdiz eztabaidatu denean, herrialde batzuek negoziazioak blokeatu dituztela.
Jai dugu klima aldaketaren alorreko ahaleginei halako oztopoak jarriz gero.
Oztopoak oztopo, aurrera egin da. Eta uste dut oztopo horiek gero eta txikiagoak izango direla gero eta sentsibilizazio handiagoa egongo delako. Are gehiago, gero eta agerikoagoa izango da klima aldaketak nazioarteko merkataritzari ere kalte egin diezaiokeela. Lehen esan dudan bezala, klima aldaketaren neurriko erronka baten aurrean eredu ekonomikoaren aldaketa larria behar da, eta horrek denbora behar du. Sarritan, aurrerapauso txiki askoren ostean, jauzi handia etortzen da, ez jakin noiz. Klima aldaketaren arriskua batzuen uzkurkeria gainditzeko bezain agerikoa denean, aurrerapauso handiak ikusiko ditugu. Bestalde, uste dut konpainia handi asko gero eta sentiberagoak direla arazoarekiko; batzuek neurriak hartzeko konpromisoa agertu dute.
Eta nork egin behar du konpromiso horien jarraipena? UNFCCCk?
UNFCCCk ezin du, ez da bere funtzioa. Egitekotan, gobernuek eurek. Barne araudien bitartez, gardentasun handiagoa egotea sustatu dezakete, etiketatzearen bitartez esaterako; adierazi dadila garbi zein den kontsumo artikulu bakoitzaren jatorria, zer klima-inpaktu izan duen hura ekoizteak… Baina UNFCCCk ezin du sektore pribatua arautu. Bestalde, konpainia pribatuek ere parte hartzen dute klimaren gailurretan, elkarrekintza gero eta handiagoa da. Leporatzen zaie ematen dituzten urrats positiboek beren irudia zuritzea beste helbururik ez dutela, baina tira, egin egiten badituzte, ongietorria emango diegu. | news |
argia-6450348b9a11 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/alfonso-zapico-komikilaria.html | "Bigarren eskuko arropa bezalakoa naiz" | Sustrai Colina | 2016-03-06 | "Bigarren eskuko arropa bezalakoa naiz"
Hitza eta marrazkia. Marrazkia eta hitza. Hitzak marraztu eta marrazkiak esan. Ahotik lapitza atera eta mingaina eskuan hartu. "Santa Barbara bendita, tralaralaralaralai...".
Zure haurtzaroa marraztu beharko bazenu...
Grisa litzateke. Asturiaseko meatzaldeko herrixka bateko haurtzaro industriala. Desagertu den mundu baten haurtzaroa da nirea. Ikatz meatzeak, sindikatuak, langileen eztul arteko ostatu giroa... Mundu industrialaren eta herri giroaren arteko bizimodu batetik nator, geografikoki zein sozialki bakartutako inguru batetik. 1990eko hamarkada hasieran, ekonomikoki larri genbiltzalako, etxetik telebista kendu behar izan zuten gurasoek. Liburuetan topatu nuen salbazioa. Gustatzen ez zitzaidan mundu hartatik ihes egiten lagundu zidaten, beste mundu batzuk deskubritzen eta jakin-mina garatzen.
Jakin-minezko mundu horiek marrazten zenituen?
Asterixen komikiak kopiatzen nituen, ikastetxeko aldizkariak ilustratu, adiskideen eta irakasleen karikaturak egin... Orduan ez neukan jendearekin harremanetarako gaitasunik. Kamutsa bezain motza nuen hitza. Marrazkiz komunikatzen nintzen. Horregatik segitu dut marrazten. Hitzaren dohaina garatu ahala marrazkia alferrikakoa bihurtzen zaio jendeari. Nik hitzez defenditzen ikasi nuenerako, berandu zen marrazkiari uko egiteko, seigarren atzamarra nuen lapitza. Paradoxikoa da irudiaren jendarterako prestatzen gaituen heziketan marrazteko gaitasuna bide ertzean uztea.
"Argala, lotsatia, probintzianoa eta sozialdemokrata" omen zara.
Zer diote guri buruz gure curriculumek? Ezer gutxi. Ez dute azaltzen nondik gatozen, zergatik garen garen bezalakoak, zergatik tentatzen gaituen adierazpide batek besteak baino gehiago, zergatik egiten dugun egiten duguna... Horregatik interesatzen zait nire burua definitzea. Lau izenondo horiek askoz hobeki aurkezten naute nire titulu unibertsitarioek baino. Madrilen edo Bartzelonan hazi eta hezi banintz beste marrazkilari bat nintzatekeen. Asturiasen ez neukan feed-back ik, ez nintzen inorekin konektatzeko gai. Nire eraginek ez dute zerikusirik komikiarekin. Marrazkilari zein ilustratzaileen mundu suharretik aparte ibili naiz Anguleman lur hartu arte. Horrela egin ditut egin ditudan liburuak. Ez da kasualitatea nire lehenbiziko obrak Krimean edo Palestinan kokatzea, ongi ezagutzen ez nituen inguruetan. 2.000 biztanleko herrixka ito batean bizita mundua eskatzen zidan gorputzak. Maletak Anguleman pausatzean, aldiz, Asturiaseko kontuak hasi naiz marrazten. Denak du zentzua autore baten ibilbidean. Ezinbestekoa da autorearen bizimodua ezagutzea bere lana ulertzeko. Horregatik, askotan, autorearen bizimodua autorearen obra baino gehiago interesatzen zait.
Nola definituko zenuke zure marrazkera?
Aski askea da. Zikin samarra. Formei, perspektibei eta pertsonaiei dagokienez gutxi landua dirudi, baina detaile askokoa da. Izugarri saiatzen naiz ingurua, eszenatokia, erreala izan dadin. Pertsonaiei benetako itxura ematen tematzen naiz. Ezinbestekoa zait detaileen egiazkotasuna. Marrazkiak askatzen nau eta dokumentazioak lotu. Borroka horretan, ez da samurra hitzen eta irudiaren arteko oreka topatzea. Dublindarra , esaterako, hitzaren aldera desorekatzen zitzaidan. La Balada del Norte rekin testua kentzen egoskortu naiz, nire intentzioak filtratu eta ahal bezain zehatz bideratzen. Ez dago gida-libururik. Askoren urrezko araua da testuan marrazkian ageri dena ez errepikatzea, baina batzuetan, horixe interesatzen zait niri. Bakoitzak aurkitu behar du bere estiloa, bere ahotsa, bere tonua. Liburuak irakurlea harrapatzen badu funtzionatzen du, bestela ez. Ez dago besterik.
"Kriki-krakak egon arren, kultura balio erantsitzat dauka Frantziak. Frantzian dauden erraztasunak ez ditut amestu ere egiten Espainian"
Zuk, orain arte, testuinguru historikoetan topatu duzu zure ahotsa.
Historiak errealismoz janzten du gaurkotasuna. La guerre du Professeur Bertenev -en gerraz ari naiz, nazionalitateaz, garai gatazkatsuetako laguntasunaz... Café Budapest -en, identitateaz, erlijioaz, gatazketako bandoez... Oso gai unibertsalak dira, modaz pasatzen ez direnak. Historiatik eta literaturatik jasotako hausnarketez beteta daude nire lanak. Historiaren tarte jakin batean munduko toki zehatz batean kokatu eta gaur egungo gaiez gogoetatzen saiatzen naiz. Eszenatoki erreal batean fikziozko pertsonaiak sortzen ditut horretarako. Ezingo nuke irakurlerik kateatu Krimeako gerra bere horretan kontatzen duen liburu batekin. Ez nuke aurrez beste inork esan ez duen deus interesgarririk esango. Memoria ez da iragana kontatzea bakarrik, oraina ulertzea ere bada.
Memoriak meatzeen antza duela idatziko luke poetak.
Meatzeen memoriatik eta memoriaren meatzetik du La Balada del Norte -k. Asturiasen, 1934. urtea iradoki eta dena da oso mitikoa, erromantikoa, baina inork ez daki zehazki zer gertatu zen. Gertatu ez zirenak asmatzen dituzte batzuek, komeni zaiena gogoratzen dute besteek, eta oharkabean, duintasun guztia galdurik desagertzear den bizimoduari buruz mintzatzen gara. Injustua da ahanztura. Asturiaseko meatzalde grisa ez dator bat saldu nahi den Asturias turistiko, bukoliko eta gastronomikoarekin. Munduko gaitz guztiak orduko borroka sindikalei, greba egunetako errepide mozketei eta meatzarien eztul-karkaxei egotzi zaizkie. Ez dago mundu horren kontzientziarik. Lanpas azpian gordetzen den hautsa gara, industria eta ikatzagatik sakrifikatutako lurraldea, sozialki, ekologikoki zein intimoki arras degradatua. Bizimodua ez da albistegietatik desagertzean bukatzen. Jende batek hantxe segitzen du, beste batzuek alde egin behar izan dute, baina denak daude gaizki. Asturias oso injustua izan da bere historiarekin.
Memoria eta politika ez nahasteko errepikatzen dute agintariek.
Niretzat dena da politikoa. Nire liburuek ez dute elkarren antzik baina denek dute politikotik. Nire obrak galderetatik sorturiko lanak dira, eta edozein galderaren atzean derrigorrez dago politika. Koherentzia politikoa modan ez egon arren, saiatzen naiz horri eusten. Politika ez da alderdien aulki dantza, zintzotasunetik abiatzen den oro baizik. Nire buruarekin zintzoa izatea da irakurleekin zintzoa izateko modu bakarra. Autore batek bere burua engainatzen badu, bere irakurleak engainatzen ditu. Zintzotasunaren faltan, alferrik dira munduko marrazki ederrenak, nire begiek ez dituzte edertzat joko. Zintzotasuna, zintzotasuna eta zintzotasuna. Ez dago hori baino politikoagorik.
"Je suis Charlie" egin zuen oihu kristo guztiak.
Hastapenean mundu guztia zen Charlie , elkartasun erreakzio automatikoa jarri zen martxan, mundu mailako agintariak buru zituen kontzentrazioa egin zen Parisen, estatuaren ondare nazionala izendatu zuten Charlie Hebdo ... baina hilabeteak pasa ahala, oasirik gabeko basamortuan galduta eta bakarrik sentitu dira aldizkariko marrazkilariak. Oso koherenteak izan dira euren izaerarekin. Inoiz gustu txarrekoa izan daitekeen umore gordin eta probokatzailea egiten segitu dute. Presioa jasanezin zutenak bidean geratu dira. Azkenerako, ordea, inor ez da Charlie Hebdo z gogoratzen. Geroz eta jende gehiagori entzuten diot ixten bukatuko dutela. Charlie Hebdo n lan egingo banu, egunero izango nuke autozentsuraren hatsa kokotean. Noraino heldu, noiz moztu... Ni ez naiz edozertaz barre egiteko gai. Nire buruari mugak jartzen dizkiot. Nire liburuetan, aldiz, libre sentitzen naiz.
Zer diozu zuk Angulemako komiki jaialdiko sari nagusirako hautagaien zerrenda gizonezkoz soilik osatuta ikustean?
Mundua aldatzen ari da, jendartea aldatzen ari da, baina jaialdiak lehengoan jarraitzen du. Antolatzaileak eroso jarri dira. Ez dute agerikoa ikusteko ahaleginik egin nahi izan. Komikiaren historiaren maskulinotasunaren gibelean gorde dira. Aurten lehertu arren, aspaldikoa da auzia. Gizonezkook orain arte oso paper erosoa jokatu dugu. Gure pribilegioei uko ez egiteagatik ez zela gure borroka sinestarazi diegu gure buruei. Nola ez da gure borroka izango? Jaialdi garaian, protesta bideratu zuten andrazko komikilariek orotariko hogei bineta jarri zituzten ikusgai, ikusleei bakoitza emakume edo gizon batek marraztua zen galdetuz. Publikoaren ustez hogeitik hiru ziren emazteek eginak. Praktikan, denak ziren emakumeenak. Oso esanguratsua da. Gure aurreiritziek ipurdi-bistan uzten gaituzte. Denei dagokigu aldatzea, baita Angulemako jaialdiari ere.
Merkatuak egilea aldatu dezake?
Espainiako komikiaren merkatuak bidea egin du, irakurleak irabazi ditu, saltoki handietan bere lekutxoa lortu du, prestigioa ematen dion sari nazionala dauka, jaialdi literarioetatik deitzen gaituzte... baina merkatua ez da aski handia inor gatibu hartzeko. Frantzian, aldiz, komikiaren industria dago, tartaren zati handiena irensteko lehia. Hala, argitaletxe handiekin lan egiten dutenek sei hilabetero argitaratu behar dute, saltzen dena marrazteko eskatzen zaie, entrega data oso zorrotzak dituzte... Ez dute zerikusirik liburu bat egiten bi edo hiru urte pasatzen dituztenekin. Horiek badakite ezingo dutela hortik bizi. Frankotiratzaileak dira, independenteak. Niretzat ez da drama komikiak sortzeaz gain ilustrazioak egin edo tailerrak eman beharra. Ez nago bizimodua komikitik ateratzearekin obsesionatuta. Ez dio alferrik Eddie Campbell komikigileak, XIX. mendean poesia iritsi zen estimazio intelektualaren mailara heldu dela komikia, eta aurrerantzean, poesiaren gisan, ahanzturan hondoratzea dagokigula. Pauta ona da oinak lurrean jarri eta gogoari hegan egiten uzteko.
Gogoari hegan egiten utzi... norbere lainoa aurkitu arte?
Egin nahi dudanaren, egin dezakedanaren, nirea soilik den eta besteen eraginez egiten dudanaren nahasmenean bizi naiz. Ez naiz ziurtasun handiko pertsona. Ez daukat printzipio erroturik, egia absoluturik, muturreko hitzik. Jakin-nahiaren bidean bizi naiz, etengabeko bilaketan. Dena aldakorra, lausoa eta likidoa den garaiotan, oso eremu labainkor eta hauskorra da hori. Azkarregi doa mundua guztiaren ikuspegi monolitiko bat eduki ahal izateko. Bigarren eskuko arropa bezalakoa naiz, sekula ez moda-modakoa, inoiz ez guztiz lekuz kanpokoa, eta azkenean, bere lekua aurkitzen duena.
Agintarientzat, ordea, kultura beti da azken eskukoa.
Frantzian, 80ko hamarkadatik da Kultura Ministerioa benetako Ministerioa. Dirua mugitzen du eta salbuespen kulturalaren aldeko estrategia dauka. Zinema frantsesari dirua ematen dio frantsesa delako, zine-aretoetan kuotak ezartzen ditu, liburutegi eta liburu-denda sare zabala dauka, jaialdiak bultzatzen ditu... Kriki-krakak egon arren, kultura balio erantsitzat dauka Frantziak. Frantzian dauden erraztasunak ez ditut amestu ere egiten Espainian. Espainian kulturari ez baitzaio garrantzirik ematen. Idazle espainolak ez dira frantsesak baino okerragoak, musikari frantsesak ez dira espainolak baino hobeak... lan egiteko sareak eta jendearen pertzepzioak markatzen du aldea. Esaterako, komikigintza umetatik lantzen den pasio bat da Frantzian. Merkatuak dirua inbertitzen du, eskoletako liburutegiak komikiz mukuru daude, umeentzako jaialdiak egiten dira... Espainian, ez da etorkizuneko irakurlerik zaintzen. Hala, nondik erakarriko dituzu zaleak? Erein gabe uzta jaso nahi izateak ez du kulturarekin zerikusirik.
Ereiten ala uzta biltzen, nola marraztuko zenuke Alfonso Zapico aitona?
Liburuak marrazten ageri naiz, sortzaile independentearen 24 orduko zurrunbilo hori jasan beharrik gabe. Orduan ere modakoa izango ez naizenez, sari nazionala irabazi nuenean ere ez nintzela modako autorea gogoratuko dut. Ispiluak bigarren eskuko arropa geroz eta zimurragoa dagoela salatzen didanean, autorearen obrak baino autorearen bizimoduak erakartzen ninduela pentsatuz kontsolatuko naiz. Haurtzaroko grisekin edo bizitzan topatutako koloreekin, jakin-mina garatzen segitzeko gai izatea espero dut.
Azken hitza:
Angulemako
sortzaileen etxea
" Dublindarra oso liburu ezberdina zatekeen Asturiasen, etxean bakarrik, marraztu banu. Angulemako sortzaileen etxean lan egin ahal izatea pribilegio handia da. Energia handiko gunea da, mundu guztitik datozen sortzaileengandik ikasten duzu, galderak egiten dizkizute, erantzun beharrak zure burua argitzera behartzen zaitu... Iraultzatxo bat da bakarrik lan egitera ohituta dagoen ofizioarentzat". | news |
argia-46c2dd51b490 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/irozgarritzea.html | Irozgarritzea | Jakoba Errekondo | 2016-03-06 | Irozgarritzea
Zuhaitza landatu berria da. Berarekin batera aldamenean sartu dugun hesolari lotu eta alde ederrean itsatsiko da. Zazpi haizeekin jolasean eta ekaitzekin dantzan ikasten duen artean, sustraiek, hazi eta hazi, eutsi eta eutsi, luze-zabal-sakonean ederki miatuko dituzte inguruak bizitzeko hazkurri bila. Lurrari lotzen eta atxikitzen den artean, hesolaren lana ez da nolanahikoa. Zenbaitek estu-estu lotzen diote zuhaitza: okerreko hutsegitea. Lotua baina mugitzeko adina lasai izan behar du. Hara-honako horrek sustraitzera lagunduko du, baita etorkizunean bakarrik bizitzera ohitzera ere. Baina lotua, sendo errotu arte eusteko, alegia. Behin baino gehiagotan, askotan, ikusi izan dut euskailu lanetarako jarritako hesola bera itsasten eta eutsi beharreko zuhaitza barregarri utziz, bera baino indar eta kemen gehiagoz hazten. Sahatsa ( Salix sp. ), platanoa ( Platanus x hispanica ) eta sasiakazia ( Robinia pseudoacacia ) iaioak dira egur hutsetik erroak egin eta itsasten, apareju ederrak!
Zuhaitzen batek, zuren batek, egurren batek emango du hesola. Baita fruituak bildu asmoz moiltzeko joko duen haga ere. Eta baldoa, eta taketa, eta pazota, eta makila, eta estaka, eta parda, eta zurkaitza, eta parra, eta barda, eta masteleroa, eta tantaia, eta hestanga, eta paldoa, eta astamakila, eta habea, eta estrongoa, eta baranda, eta ziria, eta masta, eta apeoa. Eta irozgarri duen edozein, ostiko edo zutiko.
Zuhaitzak eta arbolak gaztetan behar dute hesola laguntzailea, baina baita zahartzaroan ere. Zuhaitz zahar handi ongi zainduaren adar luzeei eusteko agaiak jartzen zaizkio. Gure moduan, zahartzean ere umetu egingo dira, nonbait... Mutur biko agaia, txardengoa (xardangoa, sardangoa...) izango da zuhaitzak zahartzaroan izango duen makulu onena. Agaia maite du, baita ere, fruituz mukuru datorren sasoian fruitu-arbolak. Fruitu koxkorrak hazten diren eran adarrak makurtzen dira, eta, gutxien uste denean, ustel: krakateko bat eta urtetako arbola elbarrituta. Zut eta gora ba agaiak! | news |
argia-80f8ac1dc9b8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/plazida-otano.html | Etxea plaza zeneko bertsolaria | Estitxu Eizagirre | 2016-03-06 | Etxea plaza zeneko bertsolaria
Garai bateko bertsolarien eskola, taberna. Hala esan ohi dugu. Sagardotegia, hobea! Zizurkilgo otañotarrek erakusten digute, ordea, etxean egiten zela egunerokoan bertsotan. Eremu pribatuan, eta hor emakumeak ere aritzen zirela, normal-normal. Hortik Plazida Otañoren bi bertso indartsu iragazi dira memoria kolektibora. Baina "plaza publikoa"ren ikuspegi murritzarekin, gure begiradak emakume hauek guztiak desterratu ditu Bertsolari izenetik. Eta orain datoz lanak, bertsolari haien berri jakiteko grina piztu zaigunean, Zizurkilen martxoaren 4an egingo den Plazidatik plazara hitzaldia horren adibide. Bertsotan egiten zuen emakumerik ezagutu baduzu (etxean, zergatik ez?) deitu ARGIAra lehenbailehen (943-371545), izen eta bertso hauek berreskuratzeko erlojuaren kontrako proba galtzear gara-eta.
Egun batean, Txirrita Zizurkilera joan eta Plazida Otaño ikusi zuen, zelaian pagotxa ebakitzen ari zela. Galdetu zion:
– Aita non da? [Joxe Bernardo Otaño bertsolariagatik]
– Hor da nonbait ere, etxe aldean.
Eta bertsoa bota zion Txirritak Plazidari:
Gauz bat esango dizut
modu ondraduan,
noski ez naiz hasiko
hemen endreduan.
Nonbait egongo zara
aldarte beruan,
gaur horla zabiltzanean
udako beruan,
ez da atsegin izango
zure inguruan.
Plazida Otañok erantzun hau eman zion:
Arrazoi horrek badu
bere parezera,
konprenituko dezu
mutila bazera.
Udarako beroaz
kexatzen al zera?
Lana hortan badezu
egiten atzera,
fraide sartu zintezke
komentu batera.
Auspoa saileko Otaño eta bere ingurua I liburuan kontatua, hona hemen, ezagutzen den emakumeen lehen bat-bateko bertsoa, gaia zer eta sexua duena (mito bat gutxiago aurrerantzean). Maila honetako bat-bateko bertsoa nori eta bertso munduan ospe handikoa zen Txirritari erantzunaz botatzeko, bertsolaria behar zuen. Jarduten zena. Eta baietz, etxean egunerokoan aritzen zirela kontatzen du Auspoako liburuan Plazidaren ahizpa Adrianak: "[gure aita Jose Bernardok] Gehienean bere semeren bat edo alabaren bat izaten zian lagun egiteko, eta bakarrik ere kantatzen zian hark, etxean edo familian. Hari ez zitzaion hori [bertsotan egitea] kentzerik".
Etxeko jardun horretan bota zuen Plazidak, ezagutzen zaion beste bertsoa: jai-bazkalondo batez, Errekaldeko sukaldean bertsotan ari omen ziren Joxe Bernardo eta Plazida. Plazidak bere aitari bertso batean hau esan zion: edadez osatzen ari zela eta ezkontzeko asmoa zuela, eta beretzat dotetxoa preparatzen hasteko alegia. Jose Bernardok erantzun:
Ezkondu behar dunala,
hoi den balorea!
Hamazortzi urte den
hire edadea.
Pikara, gaizki hazi,
lotsarik gabea,
hik aberastuko naun
lehen banaiz pobrea.
Plazidak aitari ostera:
Aita, zahartu ta gero
garai hobea ezta,
neska gazteak ere
badu bere kezka;
ilea zuriturik,
nobiorik ez-ta,
orduan alferrik da
soinua ta festa.
Otañoren omenaldian kantari
"Plaza" esaten zaion horretan (gizonen plazan), behin entzun zuten zizurkildarrek Plazida kantuan, 84 urte zituela: Pedro Mari Otañori Zizurkilen egin zitzaion lehen omenaldian, 1950ean. Goizean ekitaldi solemnea egin zitzaion, eta Plaza-Etxeberrin izan zen bazkaria. Bazkalondo hartan Plazidak kantatu zituen Pedro Mari Otañok (lehengusuak) Argentinatik bigarren aldiz etorritakoan (1880an) Errekalde baserrira joan eta bere osaba Joxe Bernardorekin (Plazidaren aitarekin) egin zuen saioa. Plazida izan zen Pedro Mari etorri zenean trenera bila joan zitzaiona eta beraz, ziurrenik bertan izango zen osaba-ilobek etxeko ateaz alde banatara saioa egin zutenean.
Gizonen bertsoetan aipatua
"Izaeraz, bertsolari kasta" halaxe deskribatu digu Teodoro Mujika Zizurkilgo bertsozaleak Plazida. Berak mutil kozkorretan ezagutu zuen 80 urteko emakumea. Beharbada umorea jartzeko izaera hori zuelako, beharbada bertsotan eurekin zirikan arituko zelako, edo auskalo zergatik, baina emakume gutxi dira gizonek bertsotan hainbeste aipatu dituztenak (honakoetan ere sexua gai hartuta), eta esaterako, Plazidaren beste ahizpak aipatzen diren bertsorik ez zaigu iritsi. Espero zitekeen Txirritari epelak erantzun zizkion Plazida ez zela mutu geratuko bera aipatzen zuten bertsolarien aurrean. Tamalez, ez zaigu bere bertsorik iritsi.
Behin Joxe Bernardok bertso hau bota zion Txirritari (Plazidagatik):
Joxe Bernardo ikasia da
atea zeini ireki,
ta familiko buruz bidea
jarri nahi luke egoki.
Mutil zintzoa nola zaren zu
nire alabak badaki,
gure etxera joan zaitez ta
biziko zara ederki.
Eta Txirritak erantzun:
Zure alaba enpleatzeko
hartu dituzu ideak,
horretarako beharko ditut
etxeko eskubideak.
Terreno hoitan zabalduko'itut
simaurrak eta kareak,
muturra atzera beharko ditek
inguru hartan bareak*.
* Bareatarrak baitziren otañotarrak.
Plazida Otañok eta Juan Joxe Ugarte Beldarrainek (bertsolaria hau ere, Pedro Mari Otañoren lehengusua, bien amak ahizpak izanik) erromantzeren bat izan zutela esaten da. Batean, hala kantatu omen zion Ugartek Joxe Bernardori:
Gaur ikusi dut zure
alaba Plazida,
aspaldian horixe
ni hainbat hazi da;
mutilei begiratzen
fanfarroi hasi da,
gazterik ohartzeko
tokian bizi da.
Otaño eta bere ingurua I liburuan aipatzen denez, Ugartek Joxe Bernardorekin hartu-eman asko zuen eta bere etxera sarritan iristen zena izan behar zuen. Bera sentitzen zuenean, Plazida "dotore agertzen zitzaion nonbait Juan Joxeri". Horrelako batean honela bota omen zion Juan Joxe Ugartek:
Plazidak entzuten du
Juan Joxeren boza,
sentitzen duenean
hartzen duen poza!
Neskatx umil batekin
behar dut esposa,
ez nuke nahi zu bezain
gallarda airosa.
Ateraldiak
Plazidaren gizona, Joxe Migel Zaldua, itzaina omen zen, karretoarekin ibiltzen zena. Baina urrutira joan gabe, enkargu motzak egingo zituen (tartean, etxetik gertu zuten tren estaziora). Joan-etorrian, askotan pasatzen zen euren Benta etxe ataritik. Eta Plazidari oihu egiten omen zion:
– Niretzako gosaria pronto al daukazu?
– Oraindik ez. Hurrengo bidaiarako preparatuko dizut.
Beste bidaian etortzen omen zen, eta:
– Pronto al daukazu?
– Ez. Zopa eta arrautza bakarrik falta zaizkit jartzea.
Eta Joxe Migelen gosaria horixe izaten omen zen, zopa eta arrautza.
Goraxeago aipatu dugun liburuan, Zizurkilgo Serapio Mendizabalek kontatzen duenez, elegantea zen Plazida. Gainera, alabak larruzko berokia erregalatu zion. Beti kartera edo poltsa batekin ibiltzen zen. Behin batean, Teodosioneko nagusiak ikusi eta honela esan omen zuen:
– Hemen duk Plazida, bera baino poltsa handiagoarekin. Baina pezta bat ez dik eramango.
Plazidak aditu eta:
– Aizak: zenbaitek diruz beteta baino, nik hutsik hobeto luzitzen diat.
"Otañotar guziak hiztun egokiak ziren. Erantzuna beti prest".
Errekalde baserriko sukaldean ikasten zela hizketan, hala esaten zen. Behin baten batzuk beren umeren bat hizketan ikastera kanpora bidali behar zutela esaten ari zirela, hala bota zien amona batek:
– Hizketan ikastera kanpora bidali? Bidal ezazue Errekaldera.
Beste plazak
Teodoro Mujikak "horixe baietz! egingo ez zuten ba?!" erantzuten du emakumeek bertsorik kantatzen zuten galdetuta. Non, ordea? Zein ziren inoiz plaza deitu ez diegun (gizonik gabeko) plaza horiek? Mujikari bi gune posible etorri zaizkio berehala burura: "Haurra jaiotakoan, atsolorra egiten zuten: emakume haren etxean biltzen ziren auzoko etxeetatik emakume bana. Bazkari ona egiten zuten eta ondoren beren biziko hizketaldiak egiten zituzten". Zizurkilgo batek hala esaten zion Mujikari: "Gure etxean mandioan Adriana (Plazidaren ahizpa), Mikaela Txintxarri (Mikaela Elizegi, Pello Errota bertsolariaren alaba famatua eta Plazidaren lehengusu txikia)... haiek egiten zuten tertulia hura ez hartu [grabatu] behar gaur diren tramankulu horietako batean!".
Eta asteartetan elkarrekin Villabonako feriara jaisten zirenean, hor ere bertsotarako gune aproposa izango zutela uste du Mujikak. "Elkarrekin jaisten ziren, Zizurkil goiko mendietatik". San Migel ermitatik gorako bideari Izpila esaten zaio. Burura datorkigun lehen adiera belar usaintsuarena da, baina Mujikak feriara jaisterakoan egiten zuten bidearekin lotzen du: "Hitz pila, horretatik ote datorren...". | news |
argia-da9f33ed0fee | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/krisialdi-berri-baten-ostotsak.html | Krisialdi berri baten ostotsak | Baleren Bakaikoa Azurmendi | 2016-03-06 | Krisialdi berri baten ostotsak
Azken hilabete hauetan sarritan entzuten ari gara, mundua ekonomia krisialdi berrian sartzen ari dela. Hori egiaztatzeko badaude zantzuak. Petrolioren prezioa inoiz baino apalago dago, 120 eurotik 30-34 eurora jautsi da. Oinarrizko metalak oso merke daude mundu merkatuetan. Langabezia-tasak zertxobait erori ostean arriskuan daude gora egingo ote duten, nahiz eta Espainiako Estatuan edo Grezian jadanik oso goian dauden. Interes-tasak ezin dira gehiago jaitsi, zero edo zerotik hurbil baitaude eta margen txikia dago eragingarriak izateko. Halaber, banku sistema ere jota dago, zorrez josita dagoelako, batik bat Europar Batasunean (EB) non Italiakoak eta Greziakoak porrot bidean sartu baitira, ahaztu gabe Deutsche Bankek 2015eko urtealdian 6,7 mila milioiko galerak izan zituela.
Zalantzarik gabe, Txinako ekonomia da petrolio eta oinarrizko metalen eskarian eragiten duena, eta bere ekonomia moteltzen ari denaren zantzuak daude. Ekonomia horrek bi digituetako hazkunde-tasak izan ditu azken hamarkadetan eta industrializatu da abiadura bizian, eta ondorioz, munduko merkatu gehienetan presente dago. Hazkunde hedakor hori sabaia jotzear dago eta eredu berri bati heldu behar dio, non barne kontsumoak eta hirugarren sektoreak protagonismoa hartu beharko baitute. Aurreikuspenen arabera hazkunde-tasa berriak %ko 6-7 ingurura eroriko dira.
Hego Euskal Herrian oraindik ez dugu gainditu 2008an hasitako geldialdia eta hurrengo uzkurraldia begi-bistan dugu. Horrelako egoeran, langabezia bideratzeko politika publiko eragingarririk ez da sumatzen eta legebiltzarrek, bai estatu osoan, baita autonomia erkidegoetan ere, ez dute serioski hartu enpleguaren afera
Horrelako fenomenoak ez zaizkigu ezezagun egiten. Gure artean ere horrelako zerbait gertatu zen duela 50 bat urte. Espainiako Ekonomia Garapenerako Planak zirela eta, Euskal Herrian, baita Espainiako Estatuan ere, bi digituetako hazkunde-tasak izan genituen industriaren garapen desorekatuan oinarrituta. Urte batzuk beranduago, industriak sabaia jo zuen eta geroztik enplegua galdu besterik ez du egin industriak.
Petrolioaren prezio apalak esplikatzeko kontutan izan behar da ere erregai horren eskaintza handitu dela eta espresuki Saudi Arabiak indartsu jokatu nahi izan du, errege berriaren eitea garbi azaltzeko eta, bide batez, frackingen bidez lor daitekeen erregaia lehia prezioetatik at uzteko, baita Errusia, Iran edo Venezuela bezalako lehiakideak kaltetzeko ere. Azken aldi honetan, Irango petrolioaren eskaintza gehigarria kontutan hartu behar dugu. Beraz, petrolio kopurua erruz dago merkatuetan eta horrek jaitsarazi du bere prezioa.
Eta gure artean zer? Hego Euskal Herrian oraindik ez dugu gainditu 2008an hasitako geldialdia eta hurrengo uzkurraldia begi-bistan dugu. Horrelako egoeran, langabezia bideratzeko politika publiko eragingarririk ez da sumatzen eta legebiltzarrek, bai estatu osoan, baita autonomia erkidegoetan ere, ez dute serioski hartu enpleguaren afera. Bidenabar aitortu behar da, legebiltzar horietako enplegu batzordeen emaitzak, orain arte bederen, ez direla izan oso baikorrak: lanpostuen malgutasuna areagotu eta prekarietatea indartu besterik ez baita egin, hiritar gehiengoaren kezka nagusia erantzunik gabe utzita.
Gure agintariak, noiz behinka, enpresari handiekin biltzen dira enpleguaz mintzatzeko. Bien bitartean, enpresari horiek enplegu murrizketak besterik ez dituzte burutzen. Adibide gisa, hor ditugu banku, Telefonica, ACB (Arcelor-Mittal), TRW eta besta enpresa askoren enplegu murrizketak. Orain Tubos Reunidos ere zerrenda horretan sartuko dugu. Hala ere, gure agintari politikoek beti prest enpresari boteretsuei men egiteko eta gainera diruz laguntzeko. | news |
argia-b693f5065e2f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/gorputz-multikulturalak.html | Odolaren tenperatura nortasunen ardatz | Ainhoa Mariezkurrena Etxabe | 2016-03-06 | Odolaren tenperatura nortasunen ardatz
Kolonbian jaio eta azken hamar urteak Lezon (Gipuzkoa) igarotakoa da Sandra González. Han eta hemen gorputzarekiko ditugun pertzepzio desberdinak kontatu dizkigu bere sentsazioetatik. Erlijioak, kulturak eta klimak, bereziki, interpretazio anitz izatera bultzatu gaituztelakoan. "Finean, denak gara berdinak baina ezin dugu ukatu jendarteak eragina duela gure gorputzengan eta, hortaz, mundua ulertzeko eran", dio.
"Latinoamerikarrak odol berokoak gara eta Euskal Herriko klimak zuen gorputzak hoztu ditu". Hala hasi du elkarrizketa Sandrak eskuak altxa eta dantzan hasi den bitartean. Hotza erantzuleetako bat dela sinetsita euskaldunek gorputzekiko dugun ukazioa aipatu du behin eta berriro. Dantza, sexualitatea, harremanak eta abar gorputzetik deskonektatuta bizi ditugula gaineratu du eta hori ez dela auzi pertsonala, kulturala baizik.
Dantza eta musika hizpide, erritmo latinoak aipatu dizkigu Gonzalezek. Euskal Herriko tabernetan gero eta gehiago entzuten dira eta ezaugarri positiboak azaleratu nahi izan dizkigu: "Musika latinoak ikuspegia aldarazten dio pertsonari; dantzan hasteko gogoa piztu eta protagonismoa emanez gorputzari". Arrazoi beragatik, ordea, begirada eta komentario negatiboak jaso dituela kontatu digu. –"Egiten ari zarena edukazio txarrekoa da", esan zioten behin.– "Ez dut inoren begirada erakartzeko egiten, aske sentiarazten nauelako baizik. Dantza probokatiboa gerta liteke, baina sentitzen dut; nahi dudalako egiten dut hemen eta orain", erantzun zion. Horregatik ez dio inoiz dantzatzeari utzi.
Kultura, baina, ez da soilik musika eta dantza. Ezaugarri batzuk komunean dituen jende talde bat bezala ulertzen du Sandrak. Emakume kolonbiar, ausart, aske eta espiritual gisa deskribatzen du bere burua. Ordea, ez erlijioari kasu eginez, gorputzari baizik: "Erlijioak gorputzak inbaditu eta beldurrak besterik ez dizkigu transmititu". Sexualitatearen tabua, esaterako: "Euskal Herrian sexua ez da lehentasuna eta niretzat normala eta beharrezkoa da. Gertutasuna eta afinitatea sortzen ditu eta garen bezalakoak azaltzeko aukera eman", dio harrituta.
Bizimoduak duen eraginari heldu dio Gonzalezek. Bizi baldintzek egoera batzuetan kokatu eta horietara moldatzen ditu gorputzak: "Hemen, gatza falta badugu, ziurrenik erostera joango gara. Eta han, bizilagunari eskatuko diogu. Bizitza elkar trukatzen dugu. Elkarrekintzan dago gakoa eta kulturen artean ere horrek aberasten gaitu: bestearen onena hartu eta nirearen onena emateak".
Eta, orduan, nola ulertzen dugu gorputza? galdetu diogu. "Jendarte guztietan, sentitzen dugunaren harira ez bizitzeko hazten gaituzte. Burua edukiz eta mezuz bete eta izatera behartu, kultura, erlijioa eta hezkuntza bezalako tresnak erabilita. Baina gorputza bakarrik doa, entzun besterik ez dugu egin behar". | news |
argia-071e7dc78477 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/jiu-jitsu-egiten-zuten-sufragistak.html | Jiu-jitsu egiten zuten sufragistak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-03-06 | Jiu-jitsu egiten zuten sufragistak
Londres, 1910eko azaroaren 18a. Parlamentuaren kanpoaldean 300 sufragista inguruk polizien harresiarekin egin zuten topo. Poliziak askoz gehiago ziren eta jende artean zeuden hainbat gizonezko zibilen laguntzarekin, emakumeei gogor eraso zieten. Bi emakume hil zituzten, beste asko zauritu eta ehundik gora atxilotu. Emakumeen botoaren aldeko mugimenduak polizia eta gobernua zituen etsai, indarkeriak gero eta protagonismo handiagoa zuen borroka hartan, eta emakumeek erantzuteko prest egon behar zuten.
Edith Garrud (1872-1971) urte batzuk lehenago hasi zen jiu-jitsu borrokarako japoniar artea praktikatzen, William senarraren eskutik, eta 1910erako jarduera hura emakumeei irakasten hasia zen. Urte hartan bertan Votes for Women aldizkarian idatzitako artikulu batean zioen handik aurrera arerio indartsua izango zutela eta jiu-jitsua oso egokia zela poliziari aurre egiteko. Garrudek berak 1,50 metro besterik ez zuen eta, garai hartan, Londresko polizia izateko gutxieneko altuera 1,78koa zen. Jiu-jitsua, hain zuzen, erasotzailearen indarra haien kontra baliatzean datza.
Prentsa fenomenoaren berri jasotzen hasi zen eta berehala "sufrajitsu" hitza erabiltzen hasi ziren beren burua defendatzeko japoniar artea erabiltzen zuten sufragistak izendatzeko.
Emakumeen eta poliziaren arteko liskarrak areagotu ahala, atxiloketek eta kartzela zigorrek ere gora egin zuten. Sufragista espetxeratuak gose grebak egiten hasi ziren, eta gobernuak Presoen Legea –edo Katuaren eta Saguaren Legea, izen horrekin egin baitzen ezaguna– onartu zuen 1913an, martiririk nahi ez zuelako: gose greban zeuden presoak askatuko zituzten, osasuna berreskuratutakoan berriro kartzelaratzeko.
Horixe egin zuten Emmline Pankhurst mugimenduko buru nagusietakoarekin. Sufragistek ez zuten Pankhurst berriro atxilotzerik nahi eta Edith Garrudek 30 sufrajitsuz osatutako talde berezia osatu zuen buruzagia babesteko, Bodyguard (bizkartzain) izenekoa.
1914ko hasieran, Pankhurst Glasgowra joan zen 4.000 pertsonaren aurrean hitzaldi bat ematera. Poliziak bizkartzainak baino askoz gehiago ziren eta borroka hura irabazi zuten. Baina ederki kosta zitzaien 30 sufrajitsuak mendean hartzea. | news |
argia-7cc61eb4c638 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2498/dantza-korapiloak.html | Dantza-korapiloak | Unai Brea | 2016-03-06 | Dantza-korapiloak
Multimedia, lau hizkuntzatan emana, 150 metro koadro, 400 ilustrazio baino gehiago, film zaharrak eta hainbat artxibo orain arte ia ezezagun, hiru dimentsioko irudiak, propio egindako bideo sorkuntzak… Horiexek, Euskal Kultur Erakundeak antolatutako Soka erakusketaren ezaugarriak, fitxa teknikoa nahi baduzue. Asteotan, apirilaren 2ra arte, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean ikus eta entzungai dago, auskalo nora joango den gero.
Datuok aski lirateke, bestela fidatu nire hitzaz, bere horretan balio handikoa den erakusketa batez ari garela jakiteko. Baina gauza bat da hori eta beste bat, gainera, euskal dantza tradizionalak egun dituen bi pope nagusien gidaritzapean –barkatuko didatelakoan– bertan murgiltzea.
Aukera horrekin gozatu genuen otsailaren 25eko arratsean. Oier Araolaza eta Juan Antonio Urbeltzen eskutik abiatu ginen Soka -n, eta kasu honetan esaldia ez da metaforikoa: benetan elkarren eskuei heltzeko eskatu ziguten bisita gidatua abiatzeko. Hala geundela ikasi genuen gutxienez 500 urtez modu horretan, dantzatu ez ezik, bikote harremanak bideratu zirela Euskal Herriko plazetan, XVIII. mendean elizak bekatu izendatu zuen arte azalen kontaktu lizuna, eta haren ordez zapia ezarri.
"Hori izan zen amaieraren hasiera", dio Araolazak; "haren funtzioa galduta, gazteek soka-dantza utzi zuten". Bigarren kolpea izan zen taldean aritzeko ohituratik norbanako baten erakustaldi gimnastikora igarotzea, horixe baita gaur egun aurreskua. Nolanahi, soka-dantzaren tradizioak euskaldunok oso berdintasun zaleak garela adierazten du, Juan Antonio Urbeltzen esanetan. "Horregatik ez daukagu mito heroikorik".
Behin eskuak askatuta, erakusketaren atal batetik bestera joan ginen, mekanika jakinari segituz: Araolazak galderak egin, Urbeltzek erantzun. Bai modu jorian erantzun ere, tarteka kaotiko samar, erudiziozko ozeanoan bizipenak txertatuz. Ikasitako batzuk: tradizioa eta sorkuntza guztiz bateragarriak dira, ondo eginez gero; asmakizunean ere fideltasuna zor zaio jasotako ondareari; eta Frantziako erregeen gortean omen zeuden euskal dantzarien arrastorik ez da ageri erregistro historikoan, baina badaude zantzuak Milango gortearekin lotuta.
Generoari buruzko panela izan zen sokaren azken korapiloa. "Hemen daude erakusketako irudi zaharrenak", argitu zuen Oier Araolazak; "bitxia da, daukagun zaharrena emakume batena delako; askotan esan da euskal dantza batez ere gizonek dantzatu dutela, eta hemen ikus ditzakegu emakumeak 1921ean aurreskua dantzatzen, arraunlari talde baten omenez". Emakumeak eta taldean, elkarri eskua emanez. XX. mendeak galarazitako gauzak. | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.