id
stringlengths
17
47
source
stringclasses
54 values
license
stringclasses
15 values
lang
stringclasses
1 value
url
stringlengths
17
329
title
stringlengths
0
653
author
stringlengths
0
499
date
stringlengths
4
20
text
stringlengths
20
2.08M
domain
stringclasses
7 values
argia-9b2275be2aeb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/oxigeno-poltsak.html
Oxigeno-poltsak
Edu Zelaieta Anta
2016-11-06
Oxigeno-poltsak Azkenaldian ikusi gabeko beste aita batek esan dizu jatorri atzerriko ikasleek moteltzen dutela gelaren erritmoa. Horregatik erabaki dute guraso batzuek euren seme-alabak beste ikastetxe batzuetan matrikulatzea. Aurten, ikasle horiek Gasteizko beste eskola batzuetan ari dira ikasten, eta, bertan ia "immigrante"rik ez dagoenez, askoz eduki gehiago lantzen ari omen dira. Konfiantzan adierazi omen dizunez, beste guraso askok ere gauza bera pentsatzen dute, baina ez dira publikoki ezer esatera ausartzen. Ikasteko erritmoa moteltzea da, beraz, arazoa. Dibertsitateak dakarren aberastasuna aitortzea politikoki zuzena izan daiteke, eta polita, ordu batzuetako ospakizunetarako. Izan ere, ikasle batzuen erritmoa moteltzea ez da desiragarria, ez behintzat ikasle horiek geure seme-alabak direnean. Are gutxiago, Jaurlaritzak tipologia bertsuko ikasleak multzokatzeko aukera ematen duenean. Inor gutxik zalantzan jarriko du eskolak bizitzarako prestatu behar duela. Ezta "immigrante"rik gabeko oxigeno-poltsak bilatzen dituzten gurasoek ere. Alabaina, euren seme-alabentzako funtsezko kontu bat utzi dute bazterrean: bizitzarako prestatzeak elkarbizitzarako prestatzea ere badakarrela.
news
argia-dd2ca0015989
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/dezepzioa.html
Dezepzioa
Karlos Gorrindo Etxeandia
2016-11-06
Dezepzioa Errege eta Erregina Katolikoen oinordeko leialena den Felipe Gonzalez dezepzionatuta dago, eta ondorioz, sekulako lurrikara politiko ideologikoa eragin du espainiartasunaren defentsan: estatu kolpe zibila abiarazi du sozialistatik eta obrerotik deus ere ez duen alderdian. Idazkari nagusia bota du, eta ideologia nazional sozialista duen alderdia Espainia Handia eta Askearen zerbitzura jarri du politikari ohi onomatopeikoak... Rata-ta-ta-ta! Santos presidente kolonbiar Nobel Sariduna ere dezepzionatuta omen dabil. Bakearen atzetik buru belarri ibili ostean eta estatuko aparatu mediatikoa alde izanagatik ere, gerra bukatutzat emateko bozketa plebiszitarioan galtzaile atera da. Eta, gainera, herritarrei eskaini die Bakearen Nobel Saria, kolonbiarrek Gerraren Nobel Sariaren hautua egin eta gero. Beren burua dezepzionatuta baietz izan, Neguko Jauregia armen bidez eskuratzearren borroka armatuari ekin zioten FARCeko militanteek ere, hauen akta fundazionalean boterea armen bidez eskuratzea izan baitzen, eta ez bakea lortzea armen trukean. Baina konturatu dira armetan dabilen erreferente internazionalik gabe eta nazioarteko komunitatearen onespen barik, ezinezko zaiela boterea eskuratzea, eta hobe dela amaiera duina ematea sufrimenari, suizidio kolektiboa onartzea baino. Ez dakit bada, "dezepzio" egoera animikoa den, sentimendua edota emozio soila, sentsazio hutsal edo bonba nuklear suntsitzailea... Dezepzio galanta dute, halaber, ATA sigladun taldexkako jarraitzaileek, garai bateko KAS Alternatibaren bost puntuetatik bat bera ere lortu gabe (Amnistia eta Euskal Herri marxista leninista, demagun), ETAk armak bertan behera utzi izanagatik. Eta are dezepzionatuago daude Ezker Abertzalearen iritzi nagusia garai batean haiek indarrean izan zutenaren guztiz kontrakoa delako. Marjinalian bizi behar izateak sekulako dezepzioa ematen bide die. Ilusioa piztu die, bestalde, Euskadiko Autonomiadun Jose Antonio Agirre lehendakariaren filosofia berreskuratzeak abertzale zein konstituzionalistei, haren kargu hartzearen urteurrenean. Euskal Autonomia Erkidegoa defendatuko zuen gudarostea eta Ertzaintza polizia sortu zituen, muga geografiko "mugatuak" eraiki eta diru euskalduna sortu zuen lehen lehendakari independentistaren asmoak barik, eta zeharkakotasuna eta elkarbizitzaren izenean, sekulako atsekabea eta desengainua hartuko dute abertzaleek Agirre lehendakariaren irudi neutral eta pasibotik haragoko edukian begiratua jartzen ez bazaio. Honen guztiaren ondorioz, ez dakit bada, "dezepzio" egoera animikoa den, sentimendua edota emozio soila, sentsazio hutsal edo bonba nuklear suntsitzailea... Asepzio soil hori aditze hutsak munduko ilusio eta itxaropenak oro birrindu baino ez baititu egiten, antza.
news
argia-a7ea955c0ecd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/era-o-hotel-cambridge.html
Etxerik gabekoen borroka Sao Paulon: okupazioa
Lander Arbelaitz Mitxelena
2016-11-06
Etxerik gabekoen borroka Sao Paulon: okupazioa Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten Era o Hotel Cambridge (Cambridge Hotela zen) filma, etxerik gabeko 700 lagunek okupatu zuten hogei solairuko hotel abandonatuari buruzkoa. Etxe okupatuetan 4.000 familiatik gora bizi dira Sao Paulon eta hango herri mugimenduen borroka esparru indartsuenetako bat da. "Zorte handia da dokumentalaren eta fikzioaren arteko film hau Donostiako Zinemaldian aurkeztea, baina zorte handiagoa da nire alboan emakume hau izatea: Carmen Silva Ferreira. Ez badakizue zein den, Brasilgo etxebizitzaren aldeko borrokaren benetako liderretako bat da, oso errespetatua", dio zuzendariak protagonista nagusia aurkeztean. "Ikusiko duzuen filma Brasilgo errealitatearen isla da, milaka lagun bizi dira kalean, fabelak hazten doaz hirien kanpoaldean, eta aldi berean milaka etxe eta eraikin huts daude abandonatuta hiriaren erdialdean –goxo eta tinko hitz egiten du Silvak–. Sistema oso injustua da ordea, Sao Paulon bertan adibidez, gobernuak etxe hauek babesten baititu, bertara sartzen den jendea berriz ere kalean utziz legearen izenean. Etxebizitza hauek abandonatu eta zergetan estatuari dirutza zor dioten jabeen morroi lana egiten du estatuak; ez du zentzurik". Carmen Silva lehen planoan, filmeko une batean. 1980ko hamarkadatik etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduak kalean lanean aritu diren arren, arazoaren larria ikusita, mugimendua bateratu eta 2003ko gau batean, 2.800 pertsonak lau eraikin okupatu zituzten Sao Paulo erdialdean, mahai gainean kolpea joz. 20 urtetik gora hutsik zeramatzaten apartamentu eta gela hutsetan beren etxebizitzak antolatu zituzten masiboki. Sao Paulon esparru horretan lanean ari ziren mugimenduek ekintza zuzenaren bidez etxerik gabeko langileei eta gizarte bazterketan erortzear ziren herritarrei ikusgarritasuna ematea helburutzat hartu zuten. Hiriaren erdigunean eraikinak okupatzen hasi ziren larrialdiko etxebizitza plan bat eskatuz. 2004an formalizatu zen mugimendua, hainbat eragileren koordinazio gune gisa eta FLM izena jarri zioten: Frente de Luta por Moradia (Etxebizitzaren Aldeko Borroka Frontea). Beren webgunean informazio asko daukate . Egun, esparru hau lantzen duten mugimendu gehiago ere badaude. Etxerik gabeko herritarrak antolatzen " Quem não luta está morto " oihuka amaitu duten asanblada dokumentatu dute Era o Hotel Cambridge filmean. Eraikin osoko biztanleak batu dira, lehen solairuan, Carmen Silvak esateko duena entzutera. "Gaur okupazioaren festa egingo dugu. Denok hartuko dugu parte, eta gure artean berriak zaretenok, derrigor etorri behar duzue. 48 ordu iraungo ditu eta beste hiru bloketako lagunak ere bidean dira". Gauez Sao Paulon barrena ziztu bizian doazen hainbat autobus ikus daitezke segidan. Erdialdeko eraikin huts baten aurrean geratu, borrarekin hormigoiz zigilatutako atea berehala hautsi eta minutu gutxian ehunka lagun barrura sartu dira. Ikuslea arnasik gabe uzteko modukoa da irudiok transmititzen duten tentsioa. "Aurrera, sartu, azkar, zure etxea da!" eta "etxebizitza eskubidea da, aurrera!" gisako animoak ematen dizkie Silvak banan-banan autobusetatik korrika jaisten ari diren eta Amerikako metropolirik handienean etxerik gabe bizi diren adin guztietako paulistanoei. Behin denak eraikin abandonatuan sartutakoan, autobusek alde egin, atea nola hala bueltan itxi eta minutu gutxian polizia militarra etorri da, bozgorailuetatik ateratzeko esanez. Ezetz erantzungo diete barruan dauden ehunka lagunek. FLMko banderak zintzilikatuko dituzte leihoetan. Beste eraikin bat okupatuta. Beste borroka fronte bat irekita. BBCk 2015eko martxoan Bizitza Sao Paulon etxerik gabeko pertsonek okupatutako hoteletan izeneko erreportajean jasotzen dutenez, Polizia Militarraren arabera, 2013 hasieratik 2014 amaierara, 681 eraikin edo lursail okupatu zituzten. 2015ean 4.000 familia inguru bizi ziren Sao Pauloko erdigunean herri mugimenduek okupatu eta koordinatutako eraikinetan. Fenomeno politiko hau aztertzen duen Belgikako Lovainako Unibertsitate Federaleko Jeroen Stevens urbanistak honela azaltzen du funtzionamendua: "Agenda komuna daukate okupazioentzat. Gizartean askok ez zeukaten pertsonen betebehar eta eskubideen inguruko kontzientzia eragiteko egiten dute lan". Mugimendu hauek hiriko erdigunean bizitzeko egin dute hautua, eta beraz, eszenatoki publikoan parte hartzeari buruzko eztabaida hedatu dute, Janaina Aliano Bloch soziologoak Sao Pauloko erdiguneko etxebizitzaren aldeko borroka lan mamitsuan idatzi duenez. "Beren aldarrikapenak ez dira bakarrik espazioaren segregazioaren aurkakoak, esklusio sozial eta politikoaren kontrakoak ere badira. Eztabaida politikotik kanpo uzten dituzten herri mugimendu hauek beren lekua aldarrikatzen dute", dio Janaína A. Bloch-ek. Beste 23 familiarekin batera bizi den Jehova meatzariarekin mintzatu dira BBCn. Ordura arte okupazioak "barrabasen gauza" gisa ikusten zituela dio, hauetako batera bizitzera joan behar izan zuen arte. Gutxiengo soldatarekin alokairua ere ordaintzeko gai ez diren milaka herritar prekarioren patua da: Kalean lo egin, hiriaren kanpoaldera fabela batera miserian bizitzera joan edo etxe bat okupatu. 2007ko maiatzean, Amnistia Internazionalak Sao Paulo erdialdean okupatuta zegoen beste eraikin bat bisitatu zuen. Hau FLMko parte den MSTC mugimenduak kudeatzen zuen eta ordezkaritza ia osoa emakumeek osatzen zuten. AI-k azaldu zuen mugimenduarekin bat egiten zuten familia ia guztiak emakume baten esku zeudela, gehienak bazterkeria sozialetik gertu. AI-k mahai gainean jarri zuen MSTCko emakumeei oso ongi etorri zitzaiela mugimendu bateko parte izan eta askok lehen aldiz, aktibismo politikoan eta lidergoan esperientzia izatea. Brasilgo mugak gainditzea lortu zuen kanpaina indartsu baten ostean, Udalak eraikineko biztanle guztiei hirian etxebizitzak hitzemateko balio izan zien. Lurra urre eta espekulatzaileak pozik MTSTko buruzagietako bat den Ghilherme Boulos elkarrizketatu dute 2015eko abenduan Ctxt gunean . Bere hitzetan, "etxegabeen borroka asko hazi da krisi ekonomikoaren aurretik sakondu zen krisi urbanoagatik. 2004an higiezinen enpresei emandako kredituak 5.000 milioi erreal ziren, 2014an 102.000 milioi erreal izatera iritsi ziren, hau da, %2.000ko igoera. Horrekin batera, etxebizitzen prezioa zortzi urtean %212 igo da Sao Paulon, %260 Rio de Janeiron. Horrek jendearen kanporatzea dakar. Hirian gentrifikazioa oso indartsua da, eta Munduko Futbol Txapelketak eta Olinpiar Jokoek azkartu egin dute. Jendea erdigunetik oso urrun dagoen guneetara kanporatzen ari dira, eta nahiz eta 3 milioi etxebizitza publiko eraiki, oraindik ere prezioak gora doaz. Brasil etxegabeak sortzeko makina bat da". Brasilen lurra urre bihurtu zen bere hitzetan, eta alokairua, berriz, ordaindu ezinezko zerbait. Okupazioak ez dira soilik Sao Paulon izan, herrialdeko beste hainbat hiritan ere praktika zabaltzen doa. "Nire ustez, etxebizitzaren espekulazioaren leherketarekin zuzenean lotutako fenomenoa da", dio Boulosek. Cambridge hotelera itzulita, 2014ko irailaren 16an, azkenean eraikina hustu egin zuten 250  polizia militarrek, sei hilabetez bertan bizi ostean 700 lagun kale gorrian utziz berriro. Istilu handiak izan ziren hirian etxebizitza defendatzera joandakoen eta polizia militarraren artean. Egunkariek kroniketan jaso zuten autobus bati su eman ziotela manifestari batzuek eta poliziak gomazko balak, gas negar eragilea eta soinu granadak bota zituela. Donostiako Zinemaldian, Carmen Silva ekintzaile eta protagonisteta nagusietakoak filmaren ostean txalo zaparrada jasota aldarria argitu die bertaratutakoei. Ez dute ezer dohainik nahi. Beren etxea ordaindu nahi dute, bidezko prezioan. "Hedabideek ixilarazi arren, hemen arazoa kapitalismoa da. Lekuan leku forma aldatzen du eta Brasilen oso basatia da", aldarrikatu du Silvak. Dokumentala mundu mailan proiektatuz presio egiten jarraituko dute, baita kalean etxerik gabeak antolatzen ere. Izan ere, etxebizitza eskubidea praktikan jarriz aldarrikatzen dute. Dioten moduan, borrokarik egiten ez duena hilda dago.
news
argia-1f61f573de55
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/pelikula.html
Pelikula
Nerea Ibarzabal
2018-01-21
Pelikula Beldurrezko pelikulen alderik okerrena amaitzen diren unean iristen da, ondorengo orduetan eta datozen gauetan –batzuontzat behintzat–. Filma bera hazi bat ereitea baino ez da, gainerakoa zure buruak egingo baitu, askoz hobeto eta askoz errealago.   Horrela, pertsona ausartaren mozorroa erori eta komunetik logelarako ibilbidea korrika igarotzen harrapatuko duzu zeure burua, korridoreko argia piztuta. Ez duzu hankarik eta besorik izarapetik aterako, beroak itotzen egon arren. Armairuak itxiko dituzu eta, muturreko egoeretan, ohepean begiratuko duzu ea norbait dagoen, zeure buruari galdetuz ea kasualitatez norbait balego zer kristo egingo zenukeen. Pelikula batek, gainera, aurretik ikusitako pelikula guztietako munstro eta hiltzaileez gogoratzea dakar, zure garuneko zimurren batean gorderik zeudenak, ustez desagertuta. Denak zeure gelan eta gaur gauean, baina biharamunerako inor ez; esnatu eta zure ausartaren mozorroak ea erotu ote zaren galdetuko dizu lurretik. Gauza kuriosoa baita beldurra. Beharrezkoa bai, baina gorrotagarria ere bai, batez ere iraunkor bilakatzen denean. Eta fikziotik sortutako beldurrak aldatzen bazaitu, errealitatean oinarritutakoarekin zer? Komunetik logelara baino pausu bizkorragoan joan izan zara tabernatik etxera, pertsona ausartaren mozorroari gogor helduta kremaileratik. Orain ezin zaizu erori. Ez duzu eskurik poltsikoetatik atera nahi, batean telefonoa eta bestean giltzak dituzulako. Ohepera baino gehiagotan begiratzen duzu atzerantz kalean, zeure buruari galdetuz ea kasualitatez norbait balego zer kristo egingo zenukeen. Eta aurrez entzundako mila gertaera datozkizu gogora: parkekoa, poligonokoa, kotxekoa, jaietakoa… Denak zeure atzetik eta gaur gauean. Eraso matxista bakoitzak mezu bat uzten digu, zirimiria bezala erortzen zaiguna autodefentsa tailerrez, manifestazioz eta ahalduntzez loditu dugun azalaren gainera. Beldurra da. Eta jakin arren kontrolerako mekanismo indartsuena dela, eta ez dagokigula guri hori sentitzea, eta bandoz aldatu beharra dagoela, hortxe jarraitzen du itsatsita. Eta gorroto dut hori kontrolatu ezina, nahiago nukeelako pentsatzea erotuta gaudela denok, armairuan inor ez dagoela dakigun bezala jakin salbu iritsiko garela etxera…  Baina egunerokoak erakusten digu imajinatu ditugun egoera guztiak gerta daitezkeela edonoiz eta edonon. Beste inorengan sinesten ez dudan honetan, beldurraren transformazioan sinetsiko dut, eta gure antolatzeko gaitasunean, eskuz eta hortzez defendatzeko geureganatu ditugun eremu guztiak. Pausorik ez atzera.
news
argia-cc25a16ba91d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/pentsioak-bermatzea.html
Pentsioak bermatzea
Juan Mari Arregi
2018-01-21
Pentsioak bermatzea Pentsioak informazioaren zurrunbiloaren erdian daude. Haien etorkizuna "arriskuan" dago, pentsioen kutxa "agortzen" ari da, eta Espainiako Gobernuak 15.000 milioi euro "txertatu" ditu 2018an ordaindu ahal izateko. Bitartean, pentsionistek euren nominak izoztuta dituzte, hilabetean batez beste 2 euro ziztrin gehiago besterik ez baitituzte jasotzen (%0,25). Pentsionisten zati handienak mila euro baino gutxiago kobratzen du, dozenaka milaka lagunek 650 euro ere ez… Eta gainera, bi aparteko paga estretatik bat kentzeko aukeraz hitz egiten ari dira. Pedro Sánchezen PSOEk proposamena egin du, bankuei eta finantza eragiketei zerga bat ezarri eta pentsioak ordaintzen laguntzeko. Zerga bikoitz horrekin 2.000 milioi euro bilduko lirateke urtean eta Gizarte Segurantzaren defizita (15.500 milioi euro) murriztuko luke. Sánchezek zera argudiatu du: "Espainiarrek bankuen erreskatean euren izerdiaz lagundu bazuten, justuena da orain bankuek laguntzea pentsioen sistema mantentzen". El País egunkaria buru duen fronte mediatikoak –bankuen zerbitzura noski– proposamena arbuiatu du, "populista" eta "okerra" dela esanez. Ikusteko dago proposamena elektoralista ala zintzoa den. Zintzoa balitz, aliantzak bilatu beharko lituzke. Eta are zintzoagoa litzateke beste proposamen bat egingo balu pentsionistei PFEZa ezabatu eta Estatuaren zenbait egitura murrizteko, bere alderdiari eragingo bailioke horrek: Errege Etxearen gastuak, Defentsarenak, alderdi politikoenak (aholkulariak, auto ofizialak, dietak, bidaiak…) –eta beren pribilegiozko pentsioak–, sindikatu eta alderdiei ematen zaizkien subentzioak ezabatu… Burokrazia horretan milaka milioi euro xahutzen dira, pentsioen sistema sostengatzeko ezinbestekoak.
news
argia-dc943d1874c8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/jokin-azpiazu-carballo.html
"Lehenago egingo die uko bere pribilegioei klase burgesak, gizonok baino"
Z. Oleaga
2018-01-21
"Lehenago egingo die uko bere pribilegioei klase burgesak, gizonok baino" Bakoitzak nondik hitz egiten duen adieraztea garrantzitsutzat du Jokin Azpiazu Carballok. Bera, akademian, kalean, tabernetan bizitutako hausnarketa eta ekintzetatik ari da. Feminismoekin, LGTB+/queer mugimenduekin eta gizon taldeekin garatutako harreman eta militantzietatik. Maskulinitateari pribilegioetatik eta boteretik heltzea proposatzen du Masculinidades y Feminismo liburuan [hemen PDFan irakurgai]. Zerk bultzatuta idatzi duzu liburua? Nori dago zuzendua eta zer nahiko zenuke sortzea bere irakurketak? Liburuaren helburua ez da edozeinek irakurtzea. Saiatu gara larregi akademikoa izan ez zedin, hausnarketaren konplexutasuna ezkutatu gabe aldi berean. Asmoa da gai horren inguruan bueltaka ibili den jendeak izan dezala tresna bat gehiago. Erosotasunez irakurriko dena ulergarritasun aldetik, baina deserosotasuna ere sortu nahi duena aldi berean. Kariñoz, beti ere. Orduan, bai, segur aski gehiago dago zuzendua feminismoan interesa agertzen duten gizonei, feminismoan aritzen diren emakume eta genero ez bitarretako pertsonei, eta oro har eraldaketa sozialarekin lotuta dagoen pertsonei. Ez dago "guztiontzako maskulinitateak" klabean idatzia. Zein da liburuaren marko politikoa? Gizonak klase soziala garela esan duzu inoiz. "Maskulinitatea niretzako ez da horrenbeste ni definitzen nauen zerbait identitate ikuspegitik, baizik eta nire botere posizioa markatzen duen zerbait" Oso baieztapen potoloa eta borobila da. Beraz, ez guztiz egia, ezta guztiz gezurra ere. Azken urteetako joera bati buelta emateko baliatu nahi izan dut. Gizontasunaren diskurtsoa asko zentratzen ari da identitatearen inguruan. Eraldatu daitekeena, eraldatzen ari dena eta abar. Maskulinitatea niretzako ez da horrenbeste ni definitzen nauen zerbait identitate ikuspegitik, baizik eta nire botere posizioa markatzen duen zerbait. Eta horrek nire identitatea markatu dezake. Baina abiapuntua ez nuen identitatean jarri nahi, boterean baizik. Behin irakurri nizun "apenas dago historian, bere pribilegioei boluntarioki uko egin dionik". Ba al dago inongo arrazoirik pentsatzeko gizonezkook salbuespen izan gaitezkeenik? Izatekotan, kontrakoa. Motibo gehiago dauzkat nik pentsatzeko klase burgesak uko egingo diela bere pribilegioei, gizonezkook baino. Hara zer esaten dizudan. Oso une politiko xelebrera heltzen ari gara, badirudi posizio ezberdinetatik pribilegioen aitortza egiten dugula: "Badakit pribilegiatua naizela zuria izateagatik, gizona izateagatik, tar tar tar". Horrekin soilik ez goaz inora, ez badugu neurri zehatzik hartzen. Mugimendu feministak proposatzen dituen neurriak entzun behar ditugu, eta gure egin. Geure burua ezkertiartzat dugun gizonok, ezberdinak ote? "Zerbaitek gure biktima papera auzitan jartzea ez zaigu gustatzen, ez diogu heldu nahi" Ezkerreko mugimenduek historia eta genealogia jakin bat dute. Esaterako, biktimizazioaren ideia oinarrizkoa da: elkartzen gara zapalkuntza bat pairatzen dugulako eta buelta eman nahi diogulako. Biktimaren paperarekin identifikatzen gara. Azken hamarkadetan bizitza konplikatu zaigu. Feminismoetatik edo begirada dekolonialetatik, adibidez, planteatu digutelako ez dela hain argia dimentsio orotan eta uneoro biktima bezala aurkezte hori. Gizonezkook ezkerreko mugimenduetan botere harremanak onartzeko ditugun erresistentziak, gure posizio zentral pribilegiatutik eratortzen dira. Zerbaitek gure biktima papera auzitan jartzea ez zaigu gustatzen, ez diogu heldu nahi. Euskal Herrian, maskulinitatea landu nahi duten gizon taldeak ugaritu egin dira. Ze iritzi duzu haietaz? "Idealena litzateke ez egitea proposamen politikorik gorputzetik pasatzen ez direnik, eta ez saiatzea gorputzean politikak egiten kalera ateratzeko potentzialitaterik ez badute" Oso zaila da iritzi zehatz bat izatea hain anitza eta zabala den errealitate baten inguruan. Pena da, baina konstantzia gehien agertzen duten mugimenduak instituzioei lotutakoak dira. Talde autonomoak, Gaztetxeen bueltan sortutakoak, ezkerreko mugimendu edota alderdietan jaio direnak lan jarraitu baterako zailtasun gehiago erakutsi dute. Puntatik puntarako proposamenak daude, eta batzuk interesgarriagoak egiten zaizkit beste batzuk baino. Batetik, oso barnera begira aritzen direnak. Introspekzio lan ia psikologikoa eginez gizontasunaren mandatuen bila, horiek deseraikitzeko. Bestetik, nolabait esparru kolektiboan gehiago eragiteko motibazio dutenak. Ulertzen dut oraindik ez dagoela oreka handirik bi polo horien artean. Idealena guztira ailegatzea litzateke: ez egitea proposamen politikorik gorputzetik pasatzen ez direnik, eta ez saiatzea gorputzean politikak egiten kalera ateratzeko potentzialitaterik ez badute. Matxismoa eta patriarkatua borrokatu nahi duen gizonezkoak, ze harreman bilatu beharko luke feminismoarekin? Feminismoaren kanpo begirada kritikoa ezinbestekoa dela diozu liburuan. Harreman konplexua bilatu beharko luke. Nik uste konplexutasunean sekretu dezente daudela. Eta, aldi berean, konplexutasunak ezin gaituela paralisira eraman. Askotan gertatzen baita. Geure buruei galdetu behar diogu zer esaten digun feminismoak, pertsonalki eta kolektiboki. Irakurri behar da, baina ez da nahikoa. Feminismoa gorputzetatik pasatzen da; proposamen politiko bat da; mugimendu bat da. Hiru dimentsio botatzearren. Zeri heldu behar diogu? Bada, ziurrenik, horri guztiari. Horrek gabezi etengabean kokatzen gaitu, egoera dena izanda, gehiago behar delako denetan. Eta gabezi hori ez da txarra, motorra izan daiteke. Argazkia: Dani Blanco. Azkenaldian herri mugimenduetan eta bere espazioetan eraso matxisten azaleratzea biderkatu egin da. Zer jarrera izaten ari gara gizonok? "[Eraso matxisten sustoaren aurrean, gizonok] bi jarrera nagusi hartzen ditugu: Bata, ukapena. Eta bestea, berehala labanak zorroztea. Hor gizonak nahiko abilak izaten ari gara, ulertaraziz erasoak beste batzuek egiten dituztela eta ez guk" Hasteko, susto handia  eragiten digute. Nahiz eta feminismoak askotan seinalatu gai hori, asko eta asko gara oraindik ez dugunok sinetsi nahi gure espazioetan horrelakoak gertatzen direnik. Zer egiten dugu sustoaren aurrean? Nik bi jarrera nagusi identifikatzen ditut. Bata, ukapena da. Eskuak zabal-zabal txalotzen genituen politika feministak zenbateraino ulertzen genituen adierazten digu. Desmaskaratzen ditu, baita ere, nola dauden gizonon arteko konplizitateak ezkerreko esparruan, isiltasunean eta elkar babestean oinarrituta. Txanpon horren beste aldea berehala labanak zorroztea da, gizon askok egiten duguna. Berehalakotasunean eta kondena paradigman erortzen gara orduan. Hor gizonak nahiko abilak izaten ari gara, ulertaraziz erasoak beste batzuek egiten dituztela eta ez guk. Era arriskutsuan ezkutatuz arazo honek zenbat duen egiturazkotik, eta zer gertatzen den gure egituretan hori posible izan dadin. Azkar esanda: gure kolektiboko gizon batek eraso egiten duenean, eta gurutziltzatzea posible egiten duten ezaugarri batzuk baldin baditu, lintxamendura apuntatzen gara. Pertsona hori oso enblematikoa denean, oso kamarada denean, ez dugu horrelakorik egiten. Gizon bat bi urtetan beste pertsona bat erasotzen egon bada, galdera ezin da izan soilik tipoa nongo mastatik eskegiko dugun. Baizik eta nola den posible ezkerreko mugimendu batean gai horiek lantzeko espaziorik ireki ez izana. Arduradunak gara ez soilik erasoak daudenean horiei aurre egiteko, baizik eta horrelakorik gerta ez dadin baldintzak sortzeko. Baldintza horiek ez daude, gaur egun, herri mugimenduetan. Feminismo batzuek intersekzionalitatearen alde egin dute. Maskulinitatea auzitan jartzeak intersekzionalitatea ere eskatzen du? Bai bai, ezinbestekoa da, zalantzarik gabe. Aldi berean, kontuz. Joera bitxi bat dagoelako, konplexutasunean murgiltzearen murgiltzeaz paralisian geratzeko. New age olatuak edo postmodernoak beldurra ere ematen dit. Begirada intersekzionala izatea ez da uneoro dena kontuan izatea, baizik eta dena jokoan dagoela abiapuntu izanik eraldaketarako azterketa konkretuak egitea. Esaterako, iruditzen zait eskola esparruan ezin dela hitz egin maskulinitateaz arrazari heldu gabe, jende gazte askoren diskurtsoa delako pertsona batzuk potentzialki matxistak direla euren jatorriagatik eta hori desmuntatzeko ezinbestekoa da arrazakeria mahai gainean jartzea. Edo herri mugimenduen esparruan nazio ikuspegia kontutan hartu gabe, ziurrenik. Begira Iruñean gertatutakoa: zer erraza zaigun, batzuetan, bortxatzaileak kanpotik etorritako guardia zibil eta militarrak direla esanez, ardurak astintzea. Zein gizon mota ari da maskulinitatearen inguruan antolatzen? Mugimendu sozialetan antolatzen diren pertsonak ez dira beti lantzen duten errealitatearen ordezkari fidelenak. Gizonen mugimenduaren historian hori ere errepikatzen da. Hausnarketa maila dezenteko batetik datorren jendea aurkitzen da, adinekoa, ekonomikoki eroso gaudenak. Oso mugimendu zuria eta heterosexuala da. Oso heterosexuala da, ere, aukeratutako gaitegia oso heteroa delako. Aitatasuna, etxeko lanen banaketa, emakumeen aurkako bortizkeria... Horrek ez du esan nahi besteok ez dugunik zerikusirik horrekin guztiarekin, noski. Ez dut ezagutzen inork bultzatu duenik gizonekin harremanak ditugun gizonoi begirako indarkeriaren inguruko kuestionatzerik, eta beharrezkoa da, gertatzen delako, bai gure bikoteen aurka zein emakumeen aurka. Gizonen mugimenduak LGTB+ mugimenduarekiko erakutsi duen interesa eskasa den seinale. Argazkia: Dani Blanco. Deserosotasun produktiboa proposatzen duzu. "Gizonok gai hauen inguruan aritzeko espazioak behar ditugu. Behin sortuta, ezin gara irten horrelako eztabaida batetik sartu garena baino erosoago" Gizonok gai hauen inguruan aritzeko espazioak behar ditugu. Behin sortuta, ezin gara irten horrelako eztabaida batetik sartu garena baino erosoago. Jarrera eta posizio hauen berrikuspena sakona izan dadin espazio ziur, lasai eta konfiantzazkoak behar ditugun modu berean, ezin gara mugatu espazio horiek eroso eta lasaiak izateko premisa hutsera. Praktikatzen dugun pedagogia berrikusi behar dugu. Pentsatzeko ea benetan irribarretik edo adeitasunetik egiten den pedagogia den soilik erabilgarria. Edo posible dugun pedagogia eta autopedagogia egitea pasako dena minetatik, gure botere posiziotik, deserosotasunetik, galeratik... Gizontasun mugimenduek gehiegi azpimarratzen dute sistemaren biktima papera? "Aitortzen badugu genero parekidetasunean desoreka izugarria dela, onartu beharko dugu zenbait unetan txistua botako digutela aurpegira" Egia esan zalantza asko ditut honekin. Klaro, nire pentsamendua beti izan da anarkismo erradikaletik erreformismora igarobidean egotea, niretzako bi tokiak habitatzea garrantzitsua delako. Uste dut beharrezkoa dela gizonoi aldaketa desiragarri, interesgarri egingo diguten elementu batzuk agertzea. Baina beldurra ematen dit non buka dezakeen horrek. Adibidez, eskoletan sexismoari eta homofobiari begira garatzen diren politika horietan, mutilek esan ohi dute oso gustura aurkitzen direla. Guztiak gustura daudela esaten badute, baina ez badu inork esaten norbera erasotzailea denik, esaterako, zerbait edo norbait ezkutuan geratzen ari delakoan nago. Nire sentsazioa da ez dugula nahikoa zarata egiten gizonezkoei zuzentzean. Aitortzen badugu genero parekidetasunean desoreka izugarria dela, onartu beharko dugu zenbait unetan txistua botako digutela aurpegira.   LIBURUAREN FITXA Egilea: Jokin Azpiazu Carballo. Argitaletxea: Virus. Lizentzia librekoa. Gazteleraz idatzia nahiz eta bere ikerketa guztia euskaraz ari den burutzen: "Argitaletxeak horrela eskatuta. Nik ez dut asmorik euskaratzeko, baina inor animatzen bada, lizentzia librea dauka eta aurrera". Horra gonbitea.
news
argia-7a9e1bc59ac4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/europarrek-eragin-zuten-rapa-nuiren-porrota.html
Europarrek eragin zuten Rapa Nuiren porrota
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-01-21
Europarrek eragin zuten Rapa Nuiren porrota Jakob Roggeveen marinel holandarra 1722an Rapa Nuira iritsi zenean zibilizazio oparoa topatu zuen bertan. Handik mende erdira, James Cook bertan lehorreratu zenean oso bestelako egoera ikusi zuen. Uhartearen gainbehera barne arazoei egotzi izan zaie, gainpopulazioari eta baliabideak gehiegi ustiatzeari. Baina Honoluluko Bishop museoko Mara Mulrooney antropologoak (argazkian) zibilizazioaren aztarnak aztertu eta ez du barne eragile horien arrastorik topatu. Beste hipotesi bat du Mulrooneyk: europarrek uhartera eramandako gaixotasunek eragin zuten gainbehera, beste toki askotan bezala. Paul Rainbird, Benny Peiser, Terry Hunt, Carl Lipo eta beste aditu batzuk bat datoz hipotesiarekin.
news
argia-c800badf34f9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/larregain.html
Natura eta historia batzen dituen ibilbidea
Jon Torner Zabala
2018-01-21
Natura eta historia batzen dituen ibilbidea Sagardotegi-plana osa dezakeen proposamen bat ekarri dugu orriotara, Aiako natur parkearen mendebaldeko muturrean barneratzen den ibilbide zirkularra, zailtasun txikikoa eta nahikoa motza (3,7 km). Historian atzera egiteko parada izango dugu, bidean topatuko ditugun arta-mugarri eta trikuharrien altzoan oinez. Ibilbideari izena ematen dion Larregain sagardotegitik abiatuko gara, Hernaniko Ereñotzu auzoan. Balizaturik ez dagoenez, Mendiriz Mendi taldearen webguneko ( www.mendirizmendi.com ) "Hernani" atalean aurkituko dituzuen fitxa teknikoa, gida eta mapari begiradatxoa ematea gomendatzen dizuegu, bidea jarraitzea konplikatuegia ez bada ere, baduelako zalantza sor dezakeen punturik. Bertan topatuko dugunez beharrezko informazio praktiko guztia, lerrootan ez dugu ibilbidea deskribatuko. Mendi elkarteko kideei eskatu diegu ibilbidearen hiru argazkiren gainean iruzkina egiteko, eta haien hitzekin osatu dugu irudi bakoitzaren azalpena. Soilik ohar bat: Saratsetako (edo Sagastietako) lepora iristean, ezkerrerantz (Akolatxarantz) doan maldari ekin aurretik, begira ezazue parera (hegoalderantz), ikusiko duzuen harri eta iratze-pilaren atzean dagoelako trikuharria. Mendiriz Mendiko kideek hala ohartarazi gintuzten, guk jaramonik egin ez eta ibilbidea amaitzear genuela bidezidor bat hartu behar izan genuen atzera berriz ere Saratsetara igotzeko. Maldak ez dira handiak eta ederrak dira parajeak; gaitzerdi beraz. Larregaingo ibilbideak iratze, tamaina txikiko baso eta estazio megalitiko artetik eramango zaitu uneoro. Duela hamarkada batzuk egin diren landaketek eta garoek gorritasuna emango diote paisaiari udazkenean. Negu betean gaude eta jada hasi dira bideetako putzu-zuloak baso-igel gorriaren ( ingela gorriya Ereñotzun) arrautzez betetzen. Akola inguruan, udazkenean, ingelak ere gorriyak baitira. Estazio megalitikoa Hernani, Astigarraga eta Donostiako lurrak hartzen dituen estazio megalitikoan dauden trikuharrietatik zazpi Hernaniko udalerrian daude. Hoberen kontserbaturik dagoena Saratsetakoa da (goiko argazkian), Kalifikaturiko Kultur Ondare izendatua Monumentu-multzo gisa. T. Ataurik, J.E. Elosegik eta M. Labordek aurkitu zuten 1950. urtean. Hala irakurri dezakegu Gipuzkoako Karta Arkeologikoa n: "Trikuharri labur irekia. Tumuluan (11x13 metroko diametroa eta 1,70 metroko altuera), 2 metro zabal eta 5 metro luze dituen zanga ikus daiteke. Ganbara bost harlosaz antolatutako esparru triangeluarra da, itxuragabetua eta garai batean errektangularra izan zitekeena". Epele-Akola eremuan / DANI BLANCO Saratsetako lepora bidean, Epele-Akola eremuan (goian), oraindik ere, XX. mendearen erdira arte iratze-lekuak edo iñistor-tokiak izan zirenen arrastoak ikus daitezke. Bideen aldeetara iratzea (Hernani inguruan garoa edo iñistorra ere deitua) hazten da. Udazkenaren hasieran, iraila inguruan, Hernaniko baserritar asko paraje hauetara etorri ohi zen behiei azpiak egiteko iratze bila. Akolatxarako gaina / DANI BLANCO Akolatxarako gaina (goian) da 192 metroko desnibel metatua duen ibilbideko punturik altuena (359 metro). Forma aldakorreko harkaitzek eta arbolek itxura berezia ematen diote. Arbolen artean zuhaitzak dira gehienak, baina ez denak. Izan ere, adineko ereñotzuarrek segituan esango dizute, "zuhaitzak" mugarratu gabeko "haitzak" (haritzak), direla. Arbola guztiak, beraz, ez dira zuhaitzak Akolatxarako puntan.
news
argia-98f3fd3356d5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/cup-en-esperientzia.html
Nola egin politika feminista udal batean?
Onintza Irureta Azkune
2018-01-21
Nola egin politika feminista udal batean? Isabel Vallet eta Georgina Monge CUPeko kideak dira eta errepublika feminista eraikitzeko diskurtsotik praktika politikora jauzi egiten denean ikuspegi feminista nola lantzen den aztertu dugu beraiekin. CUP 32 udaletan ari da gobernatzen, eta azpimarratu digute lan asko egin bada ere, ikaragarri dagoela egiteko. Isabel Vallet CUPeko militantea izateaz gain, Endavant mugimendukoa ere bada. CUP Kataluniako Parlamentura lehenengo aldiz aurkeztu zen legegintzaldian diputatu izan zen 2013tik 2015erako tarte laburrean. Georgina Monge CUP babestu zuen Crida per Sabadell alderdi politikokoa da. Alderdi hori ari da gobernatzen Sabadelleko Udalean. Justa Revolta talde feministako kide ere bada. Hala galdetu diegu solaskideei, ea independentismoaren irakinaldiarekin batera egosten ari den indar feminista Katalunian. Mugimendu feministaren gorakada ez dute kokatu procés -arekin batera, beste bi gertaera azpimarratu dituzte: abortatzeko eskubidearen aldeko mugimendua, Alberto Ruiz Gallardón Espainiako Justizia ministro ohiak Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoa aldatzea proposatu izanak eraginda; eta Parekidetasun Legea. Konstituzio Auzitegiak legea partzialki etenda dauka. Mugimendu feministak eremu politikoan aritzeko tresna baliagarritzat hartu zuen CUP. Lorpen instituzionalen ikuspegitik sinbolikoagoa izan zen lehenengo legegintzaldia eta aldiz borrokaren ikuspegitik indartsua. Valletek oso bestela azaltzen du bigarren legegintzaldia. Parlamentukoak baino, udaletako lanak hartu zuen indarra. 32 udaletan ari dira gobernatzen. Feminismoaz gogoeta sinbolikoa bigarren mailan utzi eta praktikan emakumeen bizi baldintzak hobetzeko neurriak lantzen hasi ziren. "Hori askoz zailagoa da, –dio Valletek–, zeren lan erreproduktiboez eta zaintza lanez hitz egin behar duzu, lan horiek emakumeen ardurapetik atera eta sozializatzeko neurriak hartu behar dituzu, zerbitzu publikoak aztertu behar dira, munizipalizazioak landu nahi genituen...". Udal feministak terminoa erabiltzen dute eta programa politikoak dioen bezala lan garrantzitsuenetako bat burujabetza berreskuratzea da. Burujabeak elikagaietan, bizitokian, energian, enpleguan, kulturan, parte-hartzean eta erreprodukzioan. Hortxe, esate baterako, udal kudeaketan aurkitzen duten zailtasun handietako bat: burujabetza horietako bakoitzak atal bat osatzen du eta genero gaiak erreprodukzioaren atalean pilatzen dira. Hala dio Mongek: "Beste burujabetza guztiak zeharkatzen ditu generoak, baina zaila egiten zaigu hori ulertzea, genero gaiak generoaren zakuan pilatzen dira". Udaletan genero ikuspegiko politikak egiteko zailtasunak mota askotakoak dira. Udal langile askok ez dute genero heziketarik eta sarri ikasteko eta hezteko gogorik ere ez; langile gehiago kontratatzeko dirurik ez dago; Espainiako Estatuarekiko konpetentzia arazoak dituzte. Azken horri buruz adibide bat: udalak langile bat azpikontratatu nahi du eta jakin nahi du azpikontratatzera doan langilearen enpresak langile emakumezkoei eta gizonezkoei soldata bera ordaintzen dien. Bada, enpresak uko egin diezaioke informazio hori emateari, Espainiako Estatuko legediak ez du horretara behartzen. Udal politika feministak egiteko zailtasunez ari garela datu esanguratsua eman digute solaskideek, gobernatzen duten 32 udaletako inork ez du superabitik. "Zuei inbidia dizuegu", diote. Crida per Sabadell talde politikoko zinegotziek kargu politiko horren autoesplotazioaz gogoeta egin zuten, ikuspegi feminista landuz Oztopoak oztopo, zein ekintza ari dira bultzatzen udaletan? Egiteko errazenen eta zailenen multzoak egin dizkigute. Errazenak: gizonentzako maskulinitate ikastaroak, jaietan sexu erasoetarako protokoloak, haurtzaindegietan koheziketa plana... Askoz zailagoak, tartean lehen Valletek aipatu dizkigun batzuk: zerbitzu publikoak diseinatzea, munizipalizazioa, udaleko aurrekontuak genero ikuspegitik lantzea... Diskurtsoan agian ez, baina praktika politikoan eta beren antolakuntza feminizatzerako orduan gabezia handiak dituztela aitortzen dute, asko eginda bai, baina ikaragarri egiteko. Anna Gabriel eta beste hainbat emakumeren aroa Datu batzuk eskaini dizkigute. Ezker independentistaren militantziaren %30 da emakumezkoa, eta kopurua handitzea asko kostatzen zaie. Aldiz, azken hauteskundeetarako zerrendetan emakumeak %52 ziren eta gizonak %48. Valletek legegintzaldika egin du errepasoa. Lehenengo legegintzaldian CUPek aurpegi maskulinoa zuen, David Fernández zen buru. Alderdi politikoa saiatu zen profil publiko bakarra sortu beharrean bat baino gehiago izaten, baina hedabideen aldetik ez zen ondo hartua izan. Gainera, CUPeko bigarren aurpegia bistaratzea lortzen zutenean emakumeek ez zuten ezer irabazteko, ilaran zegoen bigarrena ere gizona baitzen. Bigarren legegintzaldian bestela jokatu dute. Buru publikoa Anna Gabriel izan da eta horretaz gain beste hainbat emakumek presentzia handia izan dute eremu publikoan. Ziur daude emakume militante kopuruak gora egin duela bigarren legegintzaldian, diskurtso feminista duelako mugimenduak eta emakumeak politika egiten ikusi dituztelako. Bestalde, Valleten ustez, ez da kasualitatea lehen lerroan egon diren emakume horiek iritzi publikoaren aldetik jaso duten tratu txarra. 2015eko hauteskundeetan, aldiz, atzera egin zuen CUPek. Lau probintzietako zerrendaburuak gizonezkoak izan ziren. Kritikak jaso zituzten eta kritikok zilegiak direla diote. Honela justifikatzen du mugimendu politikoak gertaera: ez dago kide gutxiko kontseilu exekutiborik zerrendaburuak hautatzeko, ehunka militantek aukeratzen dituzte zerrendaburuok eta horien artean gehienak gizonezkoak dira. Udaletan kargu politikoa dutenak ere gehienak gizonak dira eta orokorrean gizonek emakumeek baino botere informal gehiago dute. 2017ko hauteskundeetan, bi gizonezko eta bi emakumezko hautagai izan dira. Gauza bat da hauteskundeetara begirako ordezkaritza sistema eta bestea CUPek etxera begira egiten duena. Antolakuntzan genero kuotak ezarriak dituzte. Zinegotzi "autoesplotatuaren" eredua ezbaian Politikan emakumeak aritzeko neurriez galdetu diegunean segituan heldu dio hariari Mongek, bai baitaki zertaz ari den, ia urtebeteko haurra dauka. Biltzar nazionaletan ludoteka zerbitzua edukitzen dute, ez aldiz probintzia mailakoetan, eta udal batzuetan ere ez. Bere bizitokian, Sabadellen, badu aukera hori. Gaineratu du halako neurriak amei begira hartzen direla sarri eta ez lukeela hala behar, zaintza lanak ez baitira emakumeen ardura soilik. Ama izatea eta militantzia uztartzea zaila egiten zaiola aitortu du. 2017ko abenduaren 21eko hauteskundeetan, lau probintzietako CUPeko zerrendaburuak gizonezkoak izan dira. Kritikak jaso dituzte eta kritikok zilegiak direla diote Mongek, Sabadelleko Udalean gertatutako adibide esanguratsua kontatu digu. Crida per Sabadell talde politikoko zinegotziek kargu politiko horren autoesplotazioaz gogoeta hasi zuten. Hau da, zinegotziak lanerako prest egon behar du urteko 365 egunetan, asteko zazpi egunetan eta eguneko 24 ordutan. Politikagintzan aritzeko modu bakar hori kontuan hartuz gero, ezaugarri oso zehatzetako profila, betikoa, ateratzen zitzaien: gizona, familia ardurarik gabea edo edukiko ez balitu bezala jokatzen duena, eta adinez erdi mailakoa. Nola uztartu, beraz, bizi zikloa eta politikagintza, zer egin amak, eta ez amak bakarrik, baita politikagintzarako heziketa gutxi duten pertsonak gerturatzeko? Hausnarketan ari zirela, hain justu, Berdintasun zinegotzia haurdun geratu zen bigarren aldiz. Galdera berbera egin zuen ama izango zenak: Nola izango naiz zinegotzi bigarren haurra izanda? Ez dakigu zinegotzi izaten jarraituko duen ala ez ama izaten denean. Kargu politikoaren eztabaidaren ondoren erabaki zehatzik ez dute hartu, baina gure solaskideen ustez oso garrantzitsua izan da gai hori mahai gainean jartzea. Valletek azkena eman dio gai honi: "Nik neuk emakume baten diputatu postua hartu nuen lehenengo legegintzaldian, ama izan zen eta haurrarentzat bestelako zaintza bat nahi izan zuen".  Bistan da bide luzea dagoela egiteko, gure solaskideek diote ikasten ari direla, eta errepublika feminista pausoz pauso eraikitzen ari direla. Eta gizonek zer diote? Isabel Vallet CUPeko diputatu ohiaren ustez, gizonez eta emakumez osatutako taldeek, herri mugimendu guztiek, gabezia handiak dituzte feminismoari dagokionez. Maila teorikoan ez dute hutsune nabarmenik, baina praktika politiko feministan nekeza da aurrera egitea. Emakume eta gizon militanteak gizarte patriarkaleko kideak dira eta heziketa patriarkala deuseztatzeak bestelako heziketa eskatzen du. Valletek Endavant mugimenduan ere hartzen du parte eta talde horretan militante gizonak behartuta daude maskulinitate eskolak jasotzera. CUP gauza bera egiteko bidean da. Georgina Mongeren iritziz, gauza batzuetan oso ondo ari dira eta beste batzuetan ez. Praktika politikoan feminismoak zeharkako ardatza izan behar duela oso ondo ikusarazten ari direla uste du. Bi adibide jarri ditu, garrantzi maila oso desberdinekoak. Batetik, CUPeko ordezkari politiko gizonezkoek sarri hitz egiten dute femeninoan, eta bestetik, alderdian ez da gizonik programa politikoan feminismoa garatu behar dela zalantzan jarriko duenik. Zein eremutan dituzte erresistentziak? Bada, etxe barruko bortizkeria matxistaz hizketan hasten direnean. Mugimendu sozialetan indarkeria saihesteko ekintza planak txertatzea nekeza egiten zaie, "ez baikara ari gizarteko gizonen jarrerak ezbaian jartzen, gure mugimenduko gizonen portaerez ari gara".  Beste eginkizun zaila politikaren ikuskera maskulinizatua desagerraraztea da. Monge ez da ari ordezkari politikoen gizon-emakume kopuruaz, feminismoa politikagintzaren zeharlerro bihurtzearen zailtasunaz baizik. Adibide bat: sozio politikoekin gobernatzen duten udaletan  genero gaiak lehen lerrora eramatea ikaragarri kostatzen zaie, inoiz ez omen dira lehentasun.
news
argia-404d186d3966
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/barbara-stammel.html
Koadroak gorputzak dira
Xabier Gantzarain
2018-01-21
Koadroak gorputzak dira Asko da argazkiak erakusten duena, baina ikaragarri da erakustea lortzen ez duena. Argazkiak koadroaren irudia hartzen du, koadroan irudikatu den horixe bakarrik, eta ezer irudikatu ez denean ere argazkiak irudikapena jarraitzen du izaten, gorputz batena, gauza batena, izaki batena. Koadroak gorputzak dira, gauzak dira, izakiak. Eta ez dago bertatik bertara ikustea bezalakorik. Batzuetan ezinezkoa egiten zaigu, kasu honetan ezinbestekoa da. Aspaldian Getarian bizi da Barbara Stammel (Söcking, Alemania, 1960ko urriaren 25ean), hantxe du estudioa. Arte Ederretako ikasketak egin zituen Munichen eta Bartzelonan, ordutik bizi da pintatzeari emana. Berak montatzen ditu bastidoreak, berak jartzen oihala. "Bazen denda zoragarri bat Gipuzkoa plazan, itxi egin zuten". Han erosten zituen pigmentuak. "Orain zailagoa eta garestiagoa da pigmentuak lortzea, atzerritik eskatu behar izaten dira". Linazi-olioarekin nahastuta egiten ditu koloreak. Berak. Lurrak, sienak, okreak, kolore nabarrak erabiltzen ditu nagusiki, eta tartean urdinak, horiak, gorriak: bizitasun ikaragarria ematen diote lanari. Berak eraikitzen ditu gorputzak, normalean neurri berekoak, 160 x 160, eta haietan sartzen gero bere gorputz guztiarekin, pintatzea fisikoa dela oroitaraziz ikusleari, eta begiratzea ere fisiko bihurtuz. Materia dago bere artelanetan, bata bestearen gainean ezarritako kapak eta kapak, keinuak, markak, gorputz ororen barruan dauden beste hainbat eta hainbat gorputz gogora ekarriz bezala. "Hau nire ama zen. Ez neukan bera pintatzeko asmorik, baina bera atera zitzaidan". Serieak egiten ditu, aurpegi bakoitza erabat agortu arte, bere gorputzetik koadroaren gorputzera ekarri arte. Koadroak gorputzak dira, gauzak dira, izakiak. Marlene Dumas akordarazten du batzuetan.
news
argia-004d3526ff65
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/unai-agirre.html
"Bertsolaritza lotzea sagardotegi edo taberna munduarekin, ez da txarra"
Agin Rezola
2018-01-21
"Bertsolaritza lotzea sagardotegi edo taberna munduarekin, ez da txarra" Apaizak ardoarekin lotzen diren bezalaxe lotzen dira bertsoa eta sagardoa. Bi mundu ezberdin, baina elkarri oso lotuta daudenak. Hanka bat mundu banatan du Unai Agirrek. Batetik, Euskal Sagardoa jatorri deiturako koordinatzaile gerentea da eta bestetik, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean aritu da. Orbita horretatik irten gabe bildu gara hernaniarrarekin. Uzta ona izan da bai Euskal Herriko sagastietan baita Bertsolari Txapelketa Nagusian ere. Bai. Sagarrarena ez da guk kontrolatzen dugun gauza bat, baina hala izan da. Aurten sagar urtea tokatzen zen; inoizko sagar urterik handiena izan da eta, gainera, jatorri izendapenaren bigarren uzta izan da. Sagardotegi asko sartu dira denominazio honetan, Euskal Sagardoan, eta horrek poza eman dit. Beste uztari dagokionez, orain dela lau urte ia-ia lortu nuena lortu dut oraingoan. Ez neukan obsesio berezirik, baina lortu eta gero poza sentitu dut ez nuelako uste aukera hori berriz izango nuenik. Txapelketa zihoan bezala ere, ni nahiko gustura nengoen, baina erabat errematatu gabe eta bueno, azkenean, gutxien uste nuenean, iritsi egin zen. Unai Agirrerekin bertso entrenamenduetan aritu garenok, ezagutzen dugu Unai telefonotik zintzilik etortzen, bertso batzuk bota eta berriz telefonotik zintzilik joaten. Zein lan egiten du Unaik? Nire lanaren %60 hori izango litzateke. Modu batera edo bestera eraman liteke, baina nik, normalean, telefonoa eta ofizina gainean eramaten ditut. Askotan kosta egiten zait deskonektatzea, baina lasaiago hartzen ere badakit aldi berean. Askotan, hitz egitea eta gauzak konpontzea izaten da nire lanaren parte handi bat. Jatorri deitura entitate pribatua da, baina izaera publikoa dauka. Horrek zer esan nahi du: jatorri deitura bat sagargile eta sagardogileena dela eta, gure kasuan, estatutuetan ere hala dago onartua. Baina kontseilu arautzaile batek arautzen du hori guztia eta instituzioek (Jaurlaritzak eta hiru aldundiek) botorik gabeko parte hartzea daukate organo horretan. Boto eskubidearen %50a dauka sagargile sektoreak eta beste %50a sagardogile sektoreak. Horiena da jatorri deitura. Nire lana da kontseilu arautzaile horren koordinazioa eramatea. Orain dela urte batzuk espero zen puntu honetara iristea sagardo munduan? Batzuk oso garbi zeukaten eta nik ere hala neukan, hau zela pauso garrantzitsua, sagardoak eman beharra zeukana. 2000. urterako Gipuzkoan eta Bizkaian hasi ziren biltzen sagardogile batzuk jatorri deitura baten bila. Gauza bat edo besteagatik ez zen lortu. Gero, Eusko Labela sortu zen, helburutzat izan duena jatorri deitura. Gainera, beste sagardogile batzuek, ez zeudenak Eusko Labelean, Gorenaketik, interesa azaldu dute jatorri izendapenean. Orduan, galderari erantzunez: bai. Baina egia da, ikusi arte ez dagoela ziur esaterik lortuko dela. Orain ikusten da, bigarren uzta dugu eta 47 upategi sartu dira. Asko da! Horrek esan nahi du bazegoela interesa. Asko aldatu da sagardo mundua azken 100 urtean? 100 urtean igual bai, zeren eta pentsatu behar dugu guk ezagutu ez ditugun sagardotegi haietatik, herriro zeuden sagardotegi haietatik, gainbehera handia etorri zela eta suspertu ondorengo sagardotegiak ezagutzen ditugula. Bi gauza nagusi daude suspertze horretan: batetik, hasten dira elkarte gastronomiko eta tabernak sagardo demanda batekin eta hortik sortzen da txotxa. Sagardoa egiten den lekuetara hura probatzera joaten dira eta horrek produkzioa igo egiten du taberna eta jatetxeentzat. Eta bigarren pausoa dator, probatzera joateko ohitura horrek sortzen duen girotik. Gaur egun hain famatua den txotx kultura hori: sagardotegietara joan eta sagardoa probatzearena. Bere inguruan sortu da kultura gastronomiko bat. Hori da 100 urtean izan den aldaketa handiena. Orain, nire ustez, beste aldaketa potente bat ematen ari da sagardo munduan. Jatorri deitura honen bidez berriz ere botilako sagardoa indartu nahi da; jatorri deiturak, gainera, bertan egindakoa eta kalitatezkoa den produktua du ardatz. Horrek esan nahi du sagasti berriak landatzen ari direla. Hori berria al da? Hau ez da berria! Hau da 100 urte atzera egin eta gure historiari heltzea berriz. Lehengo barietateetara goaz eta lehen egindako lan hori berreskuratzen dugu. Eta ikusiko dugun beste gauza bat da abaniko handia zabalduko zaigula produktuen dibertsifikazioan. Produktu berriak aterako dira merkatura; jada ari gara ikusten, baina hau hasi besterik ez da egin, ez du frenorik. Oinarrira itzultzea beraz, ez da atzera egitea. Oinarrira itzultzea da aurrera egitea. Sagardoak behar du bertako lehengaietik abiatu eta hemengoa dena ondo mugatua uztea, hau da, bertako barietateekin egiten da bertako sagardoa. Milaka urtean hemen egon diren barietateak dira eta horrek esan nahi du onak direla batetik landaketarako eta produkziorako, baina horrez gain, gure sagardoa egiteko bereizitako barietateak dira. Horrek produktuari ematen dio behar duen garrantzia. Horrez gain, beste abaniko handi bat irekitzen da barietate horien gainean. Balia litezke milaka gauza egiteko, ez bakarrik orain ezagutzen dugun sagardo natural modu hau. Horrek ez du esan nahi sagardo hobea izango denik, edo bai? Hobea eta txarragoa… nik ez nituzke inoiz hitz horiek erabiliko, baina gurea eta oso ona izango dela bai. Ez da berdina hemengo sagar batekin edo kanpoko sagar batekin lan egitea. Hori oso garbi utzi behar da. Gure sagardoa bertako sagarrez egindakoa da eta ez bakarrik bertan daudelako, baizik eta urtetan eta urtetan, hemen landu direlako. Uste dut hori oso garrantzitsua dela. Bertsolaritza sagardoarekin noiztik uztartzen da? Sagardotegiak ziren garai bateko tabernak. Orduan ez zegoen tabernarik. Urte askotan hala izan da eta ez bakarrik Gipuzkoan. Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere bai. Orduan, egunero samarreko bertso saioak sagardotegietan ziren eta ez zegoen ez telebistarik, ez irratirik, ez ezer. Gainera, ohitura bat bazegoen eta hala iritsi da gure belarrietara: etxetik irteten zirela sagardotegira, normalean sagardoa etortzen zenean kupelak ireki egiten zirelako eta sagardo hori bukatu arte ez zelako beste sagardotegi bateko kupelik irekitzen. Jendea ez zen hiruzpalau egunean etxera bueltatzen. Asko bertsolariak ziren, joan eta bertsotan egiten zuen jendea. "Gure kolejiyuak, sagardotegiyak" Udarregik bota zuenean, hori esan nahi zuen. Beti sagardotegian kantatzen zutela. Orduan, lotura hori badago. Gaur egun? Gure bertso eskola inguruan mantendu da sagardotegira joate hori. Ez dio kalterik egin bertsolaritzari, mundu horrekin lotu izanak? Nire ustez ez. Bertsolaritzak zerbait ona badu da mundu ezberdinekin lotu daitekeela. Ni ez naiz bertsolaritza taberna, sagardotegi… mundu horrekin lotzea txartzat jotzen duena. Kontrakoa. Oso ona dela iruditzen zait eta badagoela mundu ilun bat bertsoak berarekin eraman behar duena eta oso ona dena. Horrek ez du esan nahi beste lekuetara ireki behar ez denik. Bertsolaritzak ere egingo zuen sagardotegiek adinako eboluziorik urte hauetan… Bai. Bertsolaritzaren eboluzioaren berri badakigu. Hala ere, pentsatu behar dugu, sagardoak bezalaxe, gure garaia iruditzen zaigula handiena, baina bertsolaritzak eragin itzela izan du urte askoan, baita mendetan atzera joanda ere. Guk dauzkagun lehenbiziko erreferentziak izan litezke Etxahunenak, Pernando Amezketarrarenak, Zabalarenak, Hernanin Txabolategirenak… Pentsa, garai hartako bertsoak guganaino iritsi badira hitzetik hortzera eta ahoz aho, zein garrantzi zuen bertsolaritzak. Euskaldunaren belarriak beti joan dira bertsoarekin bustita. Eta sagardoarekin berdin. 500 urte atzera egiten badugu, askoz produkzio handiagoa zegoen. Horrek esan nahi du urrezko garaia ordukoa zela eta orain ari gara beste garai inportante batera bueltatzen. Hau ziklikoa da. Garrantzitsuena da bizirik egotea eta dagokion garaira egokitzea. Ze erronka dituzte hemendik aurrera nola batak, hala besteak? Sagardoak bere burua berrasmatu eta egokitzen jakin behar du. Uste dut gauza politak egin litezkeela ateak ireki egin behar direlako, eta erronkarik handiena da botilan behar duen presentzia izan dezan lortzea. Funtsezkoak dira bi gauza: kalitatezkoa eta bertakoa den produktuari indarra eman beharko zaio eta, bestetik, dibersifikazioa. Dibersifikatu egin behar da produktua eta bere balorean jarri. Bestalde, uste dut bertsolaritzak oso bide ona daramala eta garaian garaiko eskaeretara egokitzen joan beharko duela. Zubi lan oso inportantea egiten du, lehengoa galdu gabe gauza berrietara irekita dagoelako beti.
news
argia-519d151ac9c2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/antonino-pagolaren-errezeta-sekretua.html
Sagardoa eta garagardotarako lupulua nahasten direnean...
I�aki Sanz-Azkue
2018-01-21
Sagardoa eta garagardotarako lupulua nahasten direnean... Garagardoa egiteko erabiltzen den lupulua eta sagardoa nahastean ateratzen den edaria berezia da. Zaporea, freskotasuna eta nortasuna; hiruak omen ditu. Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan arrakasta handia du, eta Galizian ere atera dute halakorik, bertako sagarra eta kanpoko lupuluarekin egina. Euskal Herrian, ordea, sagardo lupuluduna edari arrotza da. Oraingoz. Ezezaguna izanagatik, baina, ezin esan dezakegu gurean sagardoa eta lupulua inoiz nahastu ez direnik. 1950eko hamarkadan, Hernaniko Orkolaga baserriko Antonino Pagolak bertako sagar eta lupulua nahasten zituen edari freskagarri hau egiteko. Antonino, ordea, joan zen; eta berarekin joan zen, aldi berean, bere errezeta sekretua. Egungo garagardo eta sagardogileek badute arrazoirik elkarrekin lanean jarri eta edari zahar hau edari berri bihurtzeko; sagardo lupuludunak bai baitu bere leku txikia gure sagardoaren historia luzean. Bestela, galdetu iezaiozue Orkolaga baserriko kupel zaharrari... Antonino Pagolaren senideek badute pena bat: aitonak errezeta berarekin eraman izana, inori erakutsi gabe. Izan ere, aitona Antoninoren edaria berezia zen: "Oso freskagarria huen, eta apar askorekin. Kupela baserri ondoko txabolan izaten zian, itzalean, eta han izaten huen sagardoa eta lupuluarekin egindako edari hura". 2017ko urtarrilean ARGIArako idatzi nuen Garagardotarako lupulua Euskal Herrian: Iragana edo etorkizuna? erreportajerako elkarrizketak egiten ari nintzela hasi zen guztia. Antonino Pagolaren bilobarekin –hau ere Antonino– adostu nuen hitzordua. Elkarrizketa hasi aurretik garbi laga zidan: "Errezetaren bila baldin bahator alferrik habil; aitonak berarekin eraman zian". Segituan konturatu zen, ordea, errezeta famatu haren berririk ez nuela. Guztia argitu zidan: "Gure aitona Antoninok baratzeak zizkian Orkolaga baserrian, eta uda inguruan, bero sapa handia zenean ekartzen zian edari hura, sagardoa eta lupuluarekin egindako edaria. Baratzean lanean zebiltzanentzat eta etxekoentzat baino ez zian egiten. Uda alderako prest egoten huen, eta sagardoa zerbitzatzeko txarroa hartu, baserri ondoko txabolara joan, eta kupeletik hartzen zian zuzenean. Gure etxean beti esan izan duk edari hura berezia zela: oso freskagarria eta apar askokoa. Egarriarentzako zegoen onena omen zen". Elkarrizketa hartatik sortu zitzaizkidan galdera askok izan dute erantzuna ikerketaren ostean; beste batzuk, ordea, kolokan geratu dira. Hain justu, horrek ematen dio Antoninoren edariari duen misterio puntua. LUPULU-LOREA LORTZEKO ERRAZTASUNAK Sagardo lupuluduna egiteko bi osagai dira oinarrizkoak, noski: sagarra eta lupulu-lore emea. Euskal Herrian, eta zehatzago, Antonino bizi zen herrian, Hernanin, sagarra lortzea ez zen gauza zaila 50eko hamarkadan; baserri askok egiten zuen bere sagardoa. Baina lupulua? Nondik lortzen zuen Antoninok? Lupulu-landaketek ez dute, inondik inora ere, euskal paisaiaren barruan sagastiek izan duten garrantzia eduki. Baina izan, izan dira plantazioak gurean. 1944an, II. Mundu Gerraren ondorioz, Alemaniatik ez zen lupulurik iristen, eta Euskal Herriko garagardo-fabrika nagusiek ezin zuten edari hori ekoitzi lupulurik gabe. Hori dela eta, Espainiako Gobernuaren diru-laguntzez baliatuz, hainbat baserritar – 1949an 225 baserritar– lupulua landatzera animatu ziren 1945 eta 1965 artean. Lupulu-plantazio horien kudeaketa eta aholkularitzarako, ordea, pertsona egokiak behar ziren, eta Gipuzkoan ardura hori hartu zuena Antonino Pagola izan zen –Vicente Ruigómezekin batera–. Maria Pagola eta Antonino Pagola lupulu-loreak jasotzen Gipuzkoako lehen landaketan, Hernaniko erriberan. Iturria: REVISTA AGRICULTURA. Argazkia: VICENTE RUIGÓMEZ Hori gutxi balitz, Urumea ibaiaren erriberan zegoen lupulu-landaketa baten jabea ere izan zen Antonino Pagola. 1945erako 100 lupulu-landaretik gora zituen bere lurretan. "Aitona zaldi-karroan ibiltzen huen Hernani eta Ergobi arteko bidean lupulua garraiatzen, eta ni harekin eramaten ninduen batzuetan" esan digu bere bilobak. Izan ere, Gipuzkoan bildutako lupulu-lorez beteriko zaku gehienak ere berari iristen zitzaizkion: bera zen Ergobin, Astigarragan, zegoen lupulua lehortzeko plantaren kudeatzailea, eta beraz, lupuluan aditua. Euskal Herrian sagardo lupuluduna egiteko aukera eta ezagutza norbaitek bazituen, hori Antonino zen. Antoninok lupulua lortzeko –freskoa zein lehorra–, beraz, ez zuen inongo arazorik. Jasotako lupulua Donostiako Antiguan zegoen Juan y Teodoro Kutz garagardo-fabrikari saltzeko erabiltzen zuten, eta Leonera ere lupuluaren kontura bidaiak egiten zituen. Sagardoarekin nahasteko ideia nondik atera zuen, beste kontu bat da hori. Baita edaria bera nola egiten zuen ere. ERREZETAN DAGO –ZEGOEN– SEKRETUA "Etxean badakigu edaria sagardoa eta lupuluarekin egiten zela; baina, nola, ez dakigu", kontatu digute haren senideek. Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan dry hopping izeneko teknika erabiltzen dute sagardo lupuluduna –eurek hopped cider deitua– egiteko. Sagardoari lupulu-lore emea –lehorturik denean– gehituko litzaioke kasu honetan, irakin edo hartzitu ostean. Kontua da, Antoninok zituen baliabide eta osagaiekin, sagardo lupuluduna egiteko moduak ahalik eta sinpleena behar zuela izan. Nola, ordea? Antoninok landare eta baratze kontuetan zuen ezagutzak eta esperientziak ahalbidetu zion sagardoarekin esperimentu txiki hau egin eta bere etxean sagardo lupuluduna urtero edukitzea. Bertako lupulua zuen, berak landatutakoa, baita bertako sagastietako sagarrekin eginiko sagardoa ere. Eta hara non gauden oraintxe, 2018. urtean, Euskal Herritik kanpora begira, bertatik lupulua ekarri eta euskal sagardo eta garagardozaleentzako produktu berriak bilatzen, ahalik eta modu naturalenean, bertako ahalik eta produktu gehienekin edari berritzaileak egiteko gogoz. Eta erantzuna non aurkituko, eta Hernaniko kupel zahar batean aurkitu dugu. Ai, Antoninok burua altxatuko balu...
news
argia-4402fded4de0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/peko-errekatik-maldan-gora.html
Peko errekatik, maldan gora
Bea Salaberri
2018-01-21
Peko errekatik, maldan gora Urte berrian gaude eta honetan zehar Euskaraldiaren garapena etorriko zaigu, araiz, herriz herri eta egunez egun. Gu oraino gaude begira abenduko lehen egunei, zeinetan burutu baitugu BAM –Baiona-Angelu-Miarritze– euskaraz ekimena. Hogei ginen hastapenean eta, usteak gainditurik, mila inguru ginen heltzean. Astez aste antolaketaren lehen bilkuraz geroztik, iragan da denbora, finkatu eragileak eta juntatu partaideak. Gaur jada segipena nola eman dugu gogoetagai. Dagoeneko azpimarra daitezke hainbat lorpen, antolatzaile nahiz parte hartzaile gisa, betiere denak alde bikoitzekoak: lorpen kolektiboak eta pertsonalak aldi berean. Ahobizi nahiz belarriprest gisa, BAMn zehar ukan ditugu bulta zailak: nekezien gainditzea, erdararen zurrunbilotik ateratzea, muturrak jasatea, frustrazioa ere sortu digu eragin genezakeen eremua maila pertsonal soilekoa baitzen, esparru zabalagoak amets (administrazioa, lan mundua...). Nabarmenak dira alde pozgarriak: euskaldun batzuk ezagutzea, saretzea, nahikeria olde gaitza antzematea, helburua betetzen sentitzea. Antzekoa da talde eragilekoon ondorioa. Gainditu ditugu zalantzak, denboraren kontrako lasterketa, gora behera logistikoak. Sustut, parada gaitza ukan dugu elkar ezagutzeko eta elkarrekin egiteko: bitxia dirudi, kasik denek elkar ezagutzen baikenuen, euskaltzale ezagunak izanagatik, alta ez genuen sekulan egitasmorik garatu elkarrekin orain arte. Berez, hori lorpen handia da, euskaltzaleen arteko kohesioa eragin baitu; kolaborazioak eta egitasmoaren arrakastak, ilusioa sortu digu eta elkarrengandik ikasi dugu; bakoitzaren iritziek, jakintzek eta gaitasunek espresatzeko lekua ukan dute, bakoitzaren sarea eta ahalak ekarpenak izan dira. Egon garenak oro jatorri, bizileku, esperientzia eta ibilbide ezberdinekoak gara, elkarren osagarri eta sostengu. Balore humano horiek oro dute proiektua berezi egin. Bestalde, oroitarazi digu herri ekimenaren garrantzia eta iniziatiba herritarren egokitasuna, begi bistara ekarri aldaketa lorgarria bihurtzeko ausardiari bide egiten utzi behar zaiola, herritarrengan fidatuz. Oroz gainetik, funtsezko aldaketarik eragin ote duen eta ikusgarritasuna zen mailakoa izan den objektiboki neurtzea oraindik zaila bazaigu ere, badakigu ekimenak osatu duela funtsezko hutsune bat, hau da euskararen erabileraren sustatzea eta hiztunen aktibazioaren saila; abentura xume honek euskararen balio sozialaren berrindartzea, honen funtzio arruntena suspertzea ekarri baitu: BAMk euskara gauzak egiteko, ikasteko eta partekatzeko tresna gisa birkokatu du. Euskal herritar hori, horrelako ekimen batean parte hartzeko aukera baduzu, ez huts egin! Herritarren multzoa da euskararen geroaren zutoina. Hiztunen esku baita hizkuntza baten geroa. Eta etorkizuna ez da egituretatik jinen. Ez da etorriko jada higatu bideetatik edo moldeetatik. Ez dute instituzioek ekarriko; alderantziz, instituzioen esku hartzearen beha egotea gure kaltekoa bihurtu da, nahi dena espero izan arren, betiere euskara peko errekako bidean jarri duen Estatuaren meneko baita hasteko. Ahalduntzen eta saretzen den euskaldun bakoitzaren eskutan da geroa. BAMk mugetatik hara joateko balio izan digu baita mugak non ditugun ohartzeko. BAM abentura zoragarria izan da, sentiarazi eta deskubriarazi digun guziarengatik eta batez ere euskararen geroa gu denen eskuartean kokatu duelako: hiztuna erdian da, hizkuntza etorkizuna diseinatzeko tresna da. Balia gaitezen aukeraz heltzen denean.
news
argia-f74a03a102ba
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/klimaren-erotzeak-kanporatutako-etorkinei-guk-hesi-militarizatuak.html
Klimaren erotzeak kanporatutako etorkinei, guk hesi militarizatuak
Pello Zubiria Kamino
2018-01-21
Klimaren erotzeak kanporatutako etorkinei, guk hesi militarizatuak Lehorte, uholde eta ekaitz erraldoietatik ihesi klimaren aldaketak kaltetutako gero eta jende gehiago datorrelarik mundu aberatserantz,  urte ederrak bizi ditu mugak gotortzearen industriak. Todd Miller kazetari eta migrazioetan adituak Hesiarekin borrokan liburuan azaltzen du frontearen gaurko argazki orokorra: zer galdurik gabe datozen etorkinen epopeia, multinazionalek mugen militarizazioarekin egiten duten urrea, justiziaren aldeko talde militanteen borrokak. 2016ko apirilean Tucsongo (AEB) epaitegian Ignacio Sarabia mexikarra epaitu zuten muga baimenik gabe zeharkatzeagatik. Auzia ondo pasa zedin abokatuak emandako aholkuak bat batean ahaztuta, hizketan hasi zitzaion Jacqueline Rateau epaileari: "Nire umeak lau hilabete dauzka eta AEBetako herritarra da. Bihotzeko arazo batekin sortu zen eta operatu egin behar dute. Horra zergatik nagoen hemen zure aurrean". Saiatu zen bere ingeles kaxkarrezko hitzak osatzen keinuekin, baina gainean zeramatzan eskuburdinek eragotzi zioten. Epaile andereak erantzun zion sentitzen zuela baina AEBetan ezin zela ilegalki sartu, etortzeko modu legalen bat aurkitu beharko zuela. "Semea hobetzen denean, emazteak eta biek bisitatu ahal izango zaituzte etxean, Mexikon. Edo bestela, espetxean bisitatu beharko zaituzte. Zeuk ikusi ea umearentzako hobea den handitzea bere aita bisitatuz presondegian". Ondoren, Sarabia eta berekin epaitutako beste zazpi gizonak 60 eta 180 egun arteko espetxealdira zigortu zituen. Tucsoneko egun hartako entzule bakanen artean zegoen Todd Miller kazetaria, etorkinen laguntza taldeetan ere inplikatua. Ordurako argitaratua zuen Mugako patruilen nazioa: barne segurtasunaren fronteko kronikak . Oraintsu argitaratutako Hesiarekin borrokan: klimaren aldaketa, migrazioa eta barne segurtasuna liburu berrian kontatu du epaiketa hartan ezin zuela burutik kendu hilabete berean sortuak zirela bere semea eta Ignacio Sarabiak aipatzen zuena. Bakarrik, Sarabiarenak hurrengo aldiz aita ikusi beharko zuela espetxeren batean, "bere aita edukitzeagatik egunean 124 dolar irabazten dituen espetxe pribatuan". Todd Millerrek liburuan erakusten duenez, herrialde asko dirutzak ari dira inbertitzen mugen militarizazioan, aurrea hartzeko klimaren aldaketak Karibean bezala Afrikan eta beste askotan eragingo dituen populazioen mugimenduei. Filipinetan, Mexiko hegoaldean, Hondurasen, Frantzian edo AEB-Mexiko mugaldean ikusitakoekin, Millerrek josi ditu etxetik urrundutako jendeen historiak estatuek beren mugetan baina baita beren barnean ere ezarritako segurtasun eta militarizazio egituren deskribapenekin. Azken batean, elkarri lotuta baitoaz klimaren aldaketa jokatzen den biltzar dotoreen guneak eta bizirauteko aukera bila datozen jendeei bidea ixteko eraikitzen diren hesiak. Klimaren aldaketaren aro honetan, dio Millerrek, mundu berean bizi gara alde batetik txit aberatsak, mugarik gabe kontsumitu, eduki eta xahutzen jarraitu nahi dutenak, baina baita klase ertainetakoak ere, jasangarriak ez diren bizimodu kontsumista daramatenak. Eta beste aldetik daude aipatu epaiketan ikusi ditugunak bezalako milioika, beren jaioterrietan biziraun ahal izateko zeuzkaten baliabide oro kendu dietenak. Eta batzuen eta besteen tartean daude militarizatutako mugaldeak, munduaren ordena bidegabe bat indartzeko antolatuak. "Hedatuz doan estatu zelatatzaile honi iheslarien historia ez zaio axola. Honaino zergatik iritsi diren ez dio axola. Aurpegiak dauzkaten arren, aurpegirik gabeak dira. Zuk ikusi dezakezun bakarra da etorkin talde bat eskuak lotuta epaileen aurrera iristen, inporta duen informazio bakarra da ea hemen baimenarekin ala baimenik gabe sartu diren". Klimaren iheslariak, mehatxu globala Ezein etorkini aitortzen ez zaion arren klimaren errefuxiatu izaera, estatuek ondo dakite badirela, eta gero eta gehiago izango direla. AEBetako militarrei dagokienez, Pentagonoak duela hamabost urte, 2003an, txosten bat zabaldu zuen izen honekin: " Klimaren aldaketa bortitz baten agertokia eta bere ondorioak AEBen nazio segurtasunerako ". Tartean zioen: "AEBen mugak oro indartu behar dira, atzera botatzeko Karibeko uharteetatik (arazo bereziki larria), Mexikotik eta Hego Amerikatik gure gogoz kontra datozen etorkin gosetuak". Klimaren aldaketak hainbat aurpegi erakusten ditu dagoenekoz: gero eta indartsuago jotzen duten super-ekaitzak, uholdeak, lehorteak, itsas mailaren igoerak irensten dituen lurrak, ur gezen gazitzea... Horien ondorioz 2008 eta 2015 artean urtero 26 milioi jendek alde egin zuen bere sorterritik. Gerrak lekualdatutakoenak baino kopuru handiagoak dira. Gehienak hurbileko herri eta hirietara doaz aterpe bila, batzuk ausartzen dira aberatsen paradisuetaraino. 2050erako kalkuluen arabera 250 eta 1.000 milioi pertsonak klimagatik ihes egitea espero da. Koko Warner Nazio Batuen Erakundeko unibertsitateko adituak esaten du, zenbaki zehatzen inguruan eztabaida egon arren, migrazioekin ikusiko dena harrigarria izango dela eta "historian ezagutu den beste edozer gaindituko duela". Herrialde aberatsetara hurbilduko direnek, hasteko, hesiekin egingo dute topo. Berlingo murru famatua bota zutenean, 1989an, 15 harresi handi zeuden munduan; gaur 70 dira, bi herenak 2011z geroztik eraikiak. Daukaten hormigoi edo altzairuaz gain, ordea, orain mugen hesitzea high tech da: gauez ikusteko kamerak, energia termikoa behatzen dutenak, edozein mugimendu hautemateko radar sistemak, droneak, ibilgailu blindatuak, komando eta kontrol eraikuntzak, base militar operatiboak... Gehi horien bidez muga baimenik gabe zeharkatzen harrapatutakoak kopuru handitan atxilotzeko presondegiak eta kanporatzeko logistika osoa. AEBetakoa gai omen da urtean 400.000 pertsona kanporatzeko. "XX. mende amaieratik hasita –idatzi du Millerrek–, XXI.aren historiak bilduko du nola nazio-estatuek itxi eta militarizatu zituzten beren mugak munduko jende txiro eta baztertuenentzako. Baina baita ere mugak erabat zabaldu zituztela munduko aginteen eta negozioen jabe diren klaseentzako". Europak ere, Apple bezalako multinazional batek 13.000 milioi euroko zergak kobratzeko sustantzia egiten ez duen Europak, bere mugak militarki gotortzeko estrategia bera darama, klase guztietako hesiak eraikitzearekin batera –Bilboko portukoa ez da izanen azkena– zuloren batetik sartu ostean harrapatutako etorkinak atxilotzeko espetxeak antolatuz, hala nola Espainiak azaroan Archidonan ireki duena. Mugen militarizazioaren hurrengo atala etorkin ilegalei laguntzen dieten herritar eta taldeen kontrako kriminalizazioa izango da. Zehazkiago, izaten hasi da. Solidaritate delitua isun eta espetxez zigortzen hasi dira epaileak, erabaki balute bezala jende zintzoa izatea dela mendi elurtuetatik ia larru bizirik datozenei salda beroa edo itsaso zakarrean jostailuzko txalupetan arriskatzen direnei txikota eskaintzea.
news
argia-fdbbf7c2b62f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/beatriz-egizabal-ipuin-kontalaria.html
"Porrotaren aurrean beste jarrera bat hartzen, horretan lagundu dit clownak"
Danele Sarriugarte Mochales
2018-01-21
"Porrotaren aurrean beste jarrera bat hartzen, horretan lagundu dit clownak" Beatriz Egizabalen izena dexente zabaldu da azkenaldian, Erradikalak gara ikuskizunaren haritik, eta jende askok hauxe galdetu omen du: "Nondik atera da hau?". Egizabalek 20 urte egin ditu ipuinak kontatzen, eta 2005az geroztik modu profesionalean dabiltza Cesar Marcos eta biak, Kontukantoi taldean, narratzaile eta pailazo lanetan. Nondik atera den baino, zertan ibili den deskubritzen ahalegindu gara elkarrizketa honetan. Narratzailea eta pailazoa zara; ikasketa aldetik, ordea, ez duzu loturarik arte eszenikoekin. Zeri zor diozu grina? Hitzontzia izan naiz beti, beti eduki dut horretarako joera. Gogoan dut Cesarrek [Marcos] eta biok, gaztetan, orduak eta orduak pasatzen genituela Ilargi tabernan hizketan. Leku deserosoa zen, baina hantxe egoten ginen nekatu gabe: beti esaten genuen han egotera behartuko bagintuzte denuntzia bat jarriko geniokeela behartzen gintuenari, sekulako hotza egiten zuelako. Baina tira, gogoratzen naiz behin, biak han geundela, bera marrazten, zeren Cesar marrazten ibiltzen zen edozein lekutan, gure nerabe-krisiarekin, eta gogoratzen naiz hauxe esan niola: "Pentsa ordainduko baligute hitz egiteagatik" eta berak esan zidan "eta marrazkiak egiteagatik". Garai hartan amets hutsa iruditzen zitzaigun, pentsa, hitz egitea eta marraztea izatea gure ogibidea, eta orain... Orain, halaxe ari zarete. Clownean baino lehenago hasi zinen ipuin-kontatzen. Nola? Ikasketetan beste bide bat egin nuen nik, ingurumen osasun modulua ikasi nuen Arrasaten, eta gero han bertan hasi nintzen lanean, Lagun Aron [Aseguruak], lan osasuna eta higienea zaintzen. Orduan, Oihularik ipuinak kontatzeko ikastaro bat antolatu zuen Antzuolan. Oihulariko Rakel [Imaz] ezagutzen nuen, eta animatu egin nintzen. Egin nuen ikastaroa, eta handik gutxira Rakelek deitu zidan, norbait behar zutela Irungo liburutegian ipuinak kontatzeko, eta ea joango nintzen. Ni pixka bat horrelakoa naiz, ez naiz neu joango esatera ipuinak kontatu nahi ditudala, baina zuk eskatu badidazu, ba zure ardura da, badakizu nor bidaliko duzun… eta joan egin nintzen. Oso gustura aritu nintzen, gehiagotan joaten hasi nintzen eta azkenerako ia asteazkenero nenbilen Irungo liburutegian ipuinak kontatzen. Orduan erabaki zenuen buru-belarri ekitea? Ez, ez. Laborategi batean ari nintzen lanean, eta lan ona zen: oraindik ez zidaten kontratu finkorik egin, baina horretarako bidean nengoen; berez edozein pertsonak nahi lukeen lana lortu nuen, eta garai hartan ez zen erraza ikasi zenuenarekin zerikusia zeukanik topatzea. Baina, zera, nik banekien edozein momentutan eskaini ziezadaketela kontratu finkoa, eta horrek hotzikarak sortzen zizkidan. Ustez jende guztiak nahi izango luke halako lan bat, zuk ez ordea… Nik ez. Hein handi batean Arrasaten zelako, eta nik oraindik ez neukan zilbor-hestea guztiz apurtuta, Lasarterekiko lotura oso potentea neukan. Gauza asko ziren eta azkenean utzi egin nuen lana. Ipuin-kontatzen nenbilen jada, tarteka, baina ezin nuen horretaz bizi. Bestalde, kontalari-lana janzteko, magisteritza ikasten hasi nintzen, eta beste hainbat lanetan ibili nintzen, harik eta berriro Oihulari tartean sartu zen arte, beste ikastaro batekin. Eta clowna ezagutu zenuen. Hori da. Bizpahiru eguneko ikastaroak antolatu zituzten Brinkolan. Hara joan ginen Cesar eta biok, eta flipatu egin genuen. Esperientzia guztia, ikastaroa, Oihulariren pedagogia… pila bat gustatu zitzaigun. Eta gero kasualitatez jarraitu genuen ikastaroak egiten, eta justu Virginia [Imaz] egon zen AEBetan Cirque du Soleil-ekin, eta itzuleran nahi zuen Oihulari berritu. Garai hartan hantxe genbiltzanez, proposatu zigun taldearen parte izatea. Unibertsitatea zen hura, eta ez bakarrik formakuntza aldetik, baizik eta lan aldetik. Askotan clownarekin gertatzen da nahi adina ikastaro egin dezakezula, baina non praktikatzen duzu hori? Oihularin egoteak eszenatoki pila bat ekarri zizkigun. Garai batean clowna ez omen zitzaizun batere erakargarri. Zerk harrapatu zintuen azkenean? Brinkolako ikastaro horietan dena izan zen oso interesgarria, baina klownklusioek harrapatu ninduten benetan: adrenalina hori, joatea toki batera, hitzaldi batera edo ikastaro batera, entzutea, eta gero bukaeran oholtzara ateratzea zure pailazotik eta kontatzea beste ikuspuntu batetik zer gertatu den… Horrekin maitemindu nintzen eta horrekin maiteminduta nago oraindik. Argazkia: Dani Blanco. Bereziki gogoan al duzu klownklusio-saiorik? Badaukat bat gogoan, halako klik bat izan zelako. Sevillara bidali gintuzten, Anduriña Zurutuza eta biok, Anduriña ere Oihularin ibilitakoa baita, eta oso laguna, eta hara bidali gintuzten Emakumearen Andaluziako Institutuak antolatutako kongresu batera. 500 lagun inguru bildu ziren, eta niretzat izan ziren bi klik: feminismoa eta klownklusioak. Oihularin, Virginiaren ondoan egonda, asko landu genuen feminismoa; egia esan, ni gaztetan talde feminista batean egon nintzen, baina gehiago zen terapia moduko bat, eta Virginiarekin askoz ere biziago piztu zitzaidan grina hori. Eta zer ezagutu zenuen kongresu hartan? Niretzat kongresu hori izan zen klik feminista oso potente bat zeren hitz egin zuten genero-ikuspegia txertatzearen garrantziari buruz eta genero-inpaktuari buruz. Adibide bat jarriko dizut. Demagun erietxe batean murrizketak egin behar dituztela, eta okurritzen zaiela bihotzeko ebakuntza egin dieten gaixoei egonaldia laburtzea: hogei egun beharrean egongo dira hamar egun. Murrizketak mesede egingo dio erietxeari, baina kongresuko hizlariek esaten zuten hor genero-inpaktua neurtu behar zela. Bihotzeko ebakuntza gizon bati egin badiote, eramaten duzu etxera hamar egun lehenago, eta nork zainduko du gizon hori? Ba bere inguruan dauden emakumeek, eta hala, administrazioak aurrezten duena emakume baten gain geratuko da. Gaixoa emakumea bada, berriz, ez diote behar bezala errekuperatzen utziko, bera hasiko da-eta etxekoen ardura hartzen. Horrelako adibideak, orain, nahiko ezagunak dira, baina garai hartan… Noiz izan zen kongresua? 2001. urtean. Kongresuak bi egun iraun zuen, eta gero han atera ginen Anduriña eta biok, jende haren guztiaren aurrean gure pailazo sudurrekin zerbait egitera. Izugarria izan zen. Gauza asko ahaztu ditut, baina adibidez, kongresuko parte hartzaile gehienak emakumeak ziren, gutxi gorabehera 450 emakume eta 50 gizon, baina, hala ere, emakumeek komun bat zeukaten eta gizonek beste bat. Orduan sortzen zen sekulako ilara emakumeen komunetan eta gizonak, berriro ere, eroso-eroso zeuden beraien komun pribatu horretan. Adibide horri helduta azaldu genuen berdintasunaren eta ekitatearen gaia klownklusioetan. Gizonek eta emakumeek egoera berdina zeukaten, komun bat, baina abiapuntuko egoera ez zen berdina, eta beraz ekitatea izango zen komunena beste modu batean antolatzea. Horrelako adibide txoro batekin agertu ginen bi pailazo azalduz zergatik ez den ekitatiboa, egoera berdina ez denean biei gauza berdina ematea. Horrelakoak lortzea da klownklusioen helburua. Klownklusioak egiten ikusi zintudan orain dela hiru urte, euskal gatazka politiko-armatuari buruzko ikuspegi feminista lantzen zuen udako ikastaro batean, eta iruditu zitzaidan katarsi moduko bat gertatu zela, gai horietaz aritu ostean estu samar geundela denok, eta bat-batean klownklusioei esker askatu egin ginela. Hasteko, klownklusioetan badago gauza bat oso potentea: inprobisazioa. Ni hortxe nago ekitaldiak iraun bitartean, eta testuinguru horretan gauden guztiok ari gara erreferente batzuk bizitzen, eta ni ere horren parte naiz, adibidez hizlarietako bat astun-astuna bada. Nire lana da adi-adi egotea eta gauzak apuntatzea, izan daiteke hizlari baten astuntasuna edo komunak izugarri txikiak direla eta hanka bat altxatu behar duzula atea itxi ahal izateko. Nire zeregina ez da ekitaldian esan den guzti-guztia ulertzea eta gero hori laburbiltzea. Ni ateratzen naiz eta hasten naiz gertatu denarekin jolasten, inprobisatzen, sudur gorria ipinita, eta beste erregistro batera pasatzen gara, emozioetara. Nik uste dut hori izan daitekeela zuk aipatu duzun katarsia. Gero, klownklusioak borobiltzea izango litzateke, batetik, emozioak ateratzea, publikoaren irribarrea edo malkoa, eta bestetik, gaiarekin zerikusia daukan esaldi bat harrapatzea, ondorio gisa erabil daitekeena. Clown ikastaroak ematen ari zara Donostiako Emakumeen Etxean. Denok daukagu barruan gure clowna? Nik uste dut, beti bezala, bi esparru daudela: publikoa eta pribatua. Idazlea edonor izan daiteke? Ba bai, nahi duenak idatzi dezake. Publikatzeko ordea, bada igual denak ez du balio. Nik uste dut narratzaile eta clownekin antzeko zerbait gertatzen dela. Nik beti esaten dut ikastaroak ematen hasi naizela, baina ez naizela formatzailea. Clown ikastaroak ematen ari naiz Emakumeen Etxean, publiko definitu bati begira. Norbaitek modu profesionalean egin nahi badu clowna ez nioke esango nire ikastaroetara etortzeko, zeren badaude eszenatokian formatzeko beste formatzaile askoz ere egokiagoak. Baina, ea edonork jolastu dezakeen, probatu dezakeen zer den bat-batean sudur gorri bat jartzea eta jendaurrean agertzea beste nonbaitetik, edo beste era batera, bada bai, noski. Clownak ematen dituen tresnek zertarako balio dute gure eguneroko bizitzan? Porrotarekin adiskidetzeko modu bat dela entzun dizut. Zer gertatzen da bat-batean maskara txiki bat jartzen duzunean, kasu honetan sudurra? Ni Brinkolako ikastaro horretan pailazoarena egiten hasi nintzenean horixe deskubritu nuen, porrotarekin zegoen erlazioa… Zerbait erortzen zitzaidanean, adibidez, kontua ez zen gaizki egin nuela; aitzitik, frakasoak barrea sortzen zuen publikoan, baina ez zidaten niri barre egiten huts egin nuelako, kontua da bat-batean paktu antzeko bat sortu zela, eta orduan porrota, hein batean, arrakasta zen. Orain hitzez esplikatu dezaket, momentuan ez zen hain nabarmena. Ni, neure eguneroko bizitzan, ez naiz perfektua, eta adibidez hemen mahai gainean dauzkagun katilu eta zapi eta gauza guztiak sukaldera eraman nahi banitu, hasiko nintzateke denak batera hartu nahian eta zaildu egingo nuke berez hain erraza den zerbait; orduan, clowna ezagutuko ez banu, frustrazioa sortuko lidake dena batera garraiatu nahi eta ezin horrek, eta orain, berriz, barregura sartzen zait. Argazkia: Dani Blanco. Norbere buruaz barre egiten ikasteko modu bat al da? Bai, eta gainera badakit hau guztia etxean egin ordez antzezlan batean egin banu itzela izango litzatekeela. Clownak eman dit beste ikuspuntu bat horrelako gatazken aurrean, baita nire bizitza pertsonalean ere. Orduan, kontua ez da etengabe huts egiten saiatzea, baina gertatzen denean jakitea ez dela hainbesterako. Hori da, ez da porrotaren bila joatea, da porrotaren aurrean zer jarrera hartzen duzun. Eta niri horretan pila bat lagundu dit clownak. Norbere barruko umea aurkitzea eta halako gauzak aipatu ohi dituzte askok, baina nik ez dut horrekin lotzen. Noski, batzuk esango dute nik egiten dudana ez dela clowna, asko hitz egiten dudalako eta gorputza erabili arren ez naizelako bereziki korporala. Hori ere gertatzen zait, narratzaileen artean ez naiz narratzaile bikaina keinu asko egiten ditudalako eta hor azpian clowna nabaritzen delako, eta gero clownentzat ez naiz guztiz clowna gehiegi hitz egiten dudalako. Niri ez zait askorik axola sailkapen hori, lan egiten jarraitzen dudan bitartean. Jardun berri batean ikusi zintugun pasa den urtean: bakarrizketagile, Erradikalak gara ikuskizunean, Ane Labaka bertsolariarekin batera. Zer moduzko esperientzia izan da? Horixe izan da 2017ko nire deskubrimendua: bakarrizketak. Nik ez dut nire burua bakarrizketalari bezala inoiz ikusi ez aurkeztu. Helduentzako ipuinak kontatzen ditudanez, sarritan deitu didate esanez, "esan didate monologoak egiten dituzula…". Ez, ipuinak eta bakarrizketak gauza ezberdinak dira, hori argi eta garbi dago. Gainera, niri bakarrizketek ez didate bereziki erakarri, edukiak-eta gizonezkoentzako eginak daudelako gehienbat. Batzuen teknika, ordea, edo zer-nola komunikatzen duten gustatzen zait, adibidez gustuko dut Eva Hache, baina ez nuen uste nirekin loturarik zeukanik ezertan. Gero, aukera atera zen Ane Labakarekin zerbait egiteko, probatu genuen, nik bakarrizketa batzuk prestatu nituen eta oso ondo atera zen. Iruditu zitzaigun hori izan zitekeela elkarrekin aritzeko formula: sorkuntza-prozesua hain izan da fluidoa, hain joan da erraz. Ez genuen halako harrera berorik espero. Kontrakoa ere ez genuen espero, ez duzu ia ezer espero. Anek oso ondo esplikatzen du: zerbait duina egin nahi genuen, baina erantzuna ikusita, uste dut duina baino zertxobait gehiago egin dugula. Oso eroso sentitzen naiz bakarrizketan, uste dut hor aurkitu dudala zerbait. Jakina, ez da inprobisazioa eta diziplina handiagoa eskatuko dit. Hori ez dakit zer moduz eramango dudan. Ikusiko dugu.
news
argia-5bd9ded5a33b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/kataluniako-balizko-prozesu-konstituziogilea-eta-errepublika-feminista.html
Kataluniako balizko prozesu konstituziogilea eta errepublika feminista
Maria Colera Intxausti
2018-01-02
Kataluniako balizko prozesu konstituziogilea eta errepublika feminista Sardiniako filosofoak aspaldi irakatsi zigunez "Egia beti da iraultzailea" eta, horrenbestez, Kataluniako prozesuari eta handik erator litekeen errepublika feministari buruzko gogoeta hau konstatazio bat eginez hasi nahiko nuke: Katalunia ez da errepublika bat, are gutxiago errepublika feminista bat. Izango bada, orain arte sinbolikoa izan den errepublikaren aldarrikapena espainiar legalitate frankistari bizkarra ematen dion jardun politiko burujabe eta auto-zentratu baten bidez izango da, oraingoz hizketa-ekintza bat baino izan ez dena ekintza politikoz eta ondorio materialez laguntzen denean, hain zuzen ere. Nolanahi ere, errepublikaren aldeko indar-metaketak aurrera egin eta prozesu konstituziogile zinez demokratiko bat zabalduko bada, ezinbestekoa izango da hala emakumeok (gizartearen erdia garen aldetik, hau da, geu ere herria garen aldetik) nola klase politikoaren erabaki eta neurriak pairatzen dituen langile-klaseak erabakimen osoa eta parte-hartze zuzena izatea konstituzio berriaren bidez arautuko diren joko-arau sozial, ekonomiko eta politikoak adosteko garaian, eta horiek guztiak ez gelditzea, 1978an gertatu zen moduan, zazpi gorbatadun aberatsen esku. Parte-hartze hori benetan demokratikoa izango bada, beraz, berariazko neurriak hartu beharko dira emakumeok politikan dugun esku-hartzea mugatzen duten faktoreei —genero-sozializazioari lotutako rolei, botere-guneen maskulinizazio historikoari, zaintza-arduren ondorioz emakumeok dugun denbora urriari, besteak beste— aurre egin eta, egituraketa sozio-politiko berria definitzeko prozesuan, geure behar eta eskakizunak aintzakotzat hartuak izan daitezen. Emakumeok gobernatuak ez ezik gobernatzaile ere izan gaitezen, boterea jasan ez ezik geuk ere eskuratu eta aplikatu dezagun. Emakumeon behar eta eskakizun horiek, ordea, ezin dira errekonozimenduaren alor sinboliko-kulturalera edo errepresentazioaren alor politikora mugatu. Errepublika feminista bat behar dugula diogunean, helburua ez baita emakumeok ordezkaritza eta zentralitate handiagoa izatea bakarrik, geure eguneroko jarduna goitik behera baldintzatzen duten bizi-baldintza materialak hobetzea baizik. Eta nola lortzen da hori? Batetik, erakunde subiranistek behin eta berriro aldarrikatu duten "herri normal bat izan nahi dugu" leloa zokoratuz, normalitatea guztiz eta erabat patriarkala baita munduko bazter guztietan, eta emakumeon bizitzak bigarren mailako izaera izango ez duen anormaltasun feminista bat eraikitzea da emakumeok behar duguna. Alegia, politika patriarkalak estatu-politika diren modu berean, politika feministak estatu-politika bihurtu behar ditugu, geure egungo egitura juridiko eta praktika soziopolitikoak ondoriotzat dituen zapalkuntza eta bazterketa behingoz deusezteko. Bestetik, emakumeon eta gizonen arteko berdintasunaren falazia baztertu eta geure antolamendu soziopolitiko eta ekonomikoaren egiturazko berdintasun-ezatik abiatu beharra dago, gure lege eta arauak erabakitzeko garaian errepublikak lehentasunezko helburutzat har dezan emakumeon bizia babestea eta emakumeon aurkako indarkeria ezabatzea, bizirik ez bagaude ezin baikara eskubideen subjektu izan. Bizirik egoteaz gain, bizitzea merezi duten bizitzak izan ditzagun ere, bere xedetzat hartu behar du errepublikak  emakumeok, mendeetako zapalkuntzaren ondorioz, bizitzako alor guztietan jasaten dugun diskriminazioari aurre egitea. Hori guztia, baina, ezinezkoa da bere erabaki guztien motoretzat kapitala metatzea duen sistema kapitalista patriarkalaren barruan. Emakumeok bizimodu duina izango badugu, nahitaezkoa dugu merkatua eta kapital-pilaketa gizarte-antolamenduaren erdigunetik baztertzea eta bizitzaren erreprodukzioa jartzea erabaki politiko (eta ekonomiko!) guztien erdi-erdian. Ildo horretan, neurri zehatzak behar ditugu, errealitatea konkretua baita, eta gure bizi-baldintzak ez baitira asmo handiko adierazpen instituzional arranditsuen bidez aldatzen, neurri politiko-ekonomiko zehatz eta konkretuen bidez baizik. Hona hemen, guztiz normalizatuta eta naturalizatuta dagoen emakumeon subalternitate-egoera borrokatzekohalako neurri posible batzuk: gizonen eta emakumeon soldaten arteko tartea ezabatzea (bertako gizonen urteko soldata atzerritik etorritako emakumeena halako bi da), bizi osoa besteentzako lanean aritu ondoren erretiroa hartzeko garaian alargun-sari miserablea duten adineko emakumeentzat pentsio duinak ziurtatzea, zerbitzu publikoetako murrizketen ondorioz (eta haien aurretik ere) emakumeok geure bizkar hartu behar izan ditugun zaintza-lan ugariak sozializatzea eta gizarteak bere ardura kolektibotzat hartzea lan horiek, beste herrialde batzuetatik gure zahar eta haurrak zaintzera eta gure komunak garbitzera etorritako herritartasun-eskubiderik gabeko emakumeen eskubideak bermatzea, pobreziaegoeran bizi diren Kataluniako emakumeen %49,7aren oinarrizko premia eta beharrak asetzea, eta abar eta abar. Horrenbestez, zeruaren erdiari eusten dion gizarte-puskari baliagarria izango bazaio, emakumeoi bizimodu duina eskaini beharko digu errepublika berriak. Gizartearen erdia oinperatuta duen herri batek ez baitu aske izaterik.
news
argia-a6033e44e9ef
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/zizurkilgo-san-millan-eta-abaltzisketako-txalburu.html
Ikasleak aske sentitzen diren eskola
Estitxu Eizagirre
2018-01-21
Ikasleak aske sentitzen diren eskola Badira bi Eskola Txiki eguneroko jarduera osoa tailerretan burutzen dutenak, ohiko arloetan oinarritu gabe. Umeek ez dute eserita egon beharrik, nahi dutenean tailer batetik bestera joan daitezke eta horrela erabakitzen dute zer tailerretan aritu, zer egiten, zenbat denboraz. Ez dago testu-libururik, ez ikasmailarik, ez adin bakoitzean eman beharreko edukirik, ez azterketarik. Eta erabateko adin aniztasuna dute: 2-12 urte arteko ikasle guztiak elkarrekin aritzen dira uneoro. Ezaugarri horiekin guztiekin, berez desagertzen dira konparaketak, etiketak, lehia. Bertako irakasleek etengabe adierazten dute beste irakasleei entzuten ez dieguna: euren eskolan denbora dutela. Ezagutu nahi bi eskola publiko hauek? Ongi-etorria eman digute Zizurkilgo San Millanen eta Abaltzisketako Txalburun [hemen ikus dezakezu proiektua azaltzen duen webgunea]. Baina itxaron. Lehenik, atarian erantzi dezagun berokiarekin batera helduen ikuspegia, haurtzaroaren babes-gunera sartzera goaz-eta. Gabonetako oporralditik bueltan joan gara Zizurkilgo San Millan eskolara. Bertan irribarretsu hartu gaituzte 2014-2015 ikasturtean proiektu iraultzaile honi ekin zioten Elena Laiz (proiektuaren koordinatzailea), Leire Arreseigor (Abaltzisketako proiektu burua) eta Alaitz Zengotitabengoak (Zizurkilgo proiektu burua). Zientzia tailerraren barruan, sukaldea bizitzako laborategi handienetako bat da. Argazkia: Dani Blanco. Eskola barrutik erakutsi digute eta tailerrak nola dauden antolatuta ikusi ahal izan dugu: aroztegian alde batean eraiki eta deseraikitzeko zurezko piezak eta eraikuntza jolasak daude eta bestaldean aroztegiko "benetako" erremintak eta zura. Mugimendu tailerrean psikomotrizitatea lantzeko koltxonetak, eta baita mugimenduari lotutako beste lengoaiak lantzeko tresnak ere, esaterako, musika-tresnak, dramatizaziorako oihalak, dantzarako musika-entzungailua... Zientzia tailerrean, esperimentatzeko eta manipulatzeko materialak, besteak beste hondar kaxa, iturria, sukaldea... Baratzea eta sukaldaritza ere zientzia tailerraren zati dira, bizitzako laborategi handiak. Liburutegian aurkitu ditugu era guztietako irakurgaiak, bertsolarien irudiak, ingelesa ere bertan lantzen dutela adierazten duten idatziak, eta banaka zein taldean gustura irakurtzeko txoko goxoak. Arte tailerrean, adierazpide askorako oinarrizko materialak: pintura, buztina... Adin aniztasuna erabatekoa da: uneoro ari dira elkarrekin 2-12 urte bitarteko haurrak. Argazkia: Dani Blanco. Eskola hauetan ez dago "klaserik", ez tailer bakoitzean eman beharreko denborarik, ez lanak bukatzeko eperik Tailer bakoitza da desberdina, sartu orduko deika ari zaizkigun hamaika aukera erakusten ari zaizkigu, eta ez dugu faltan bota ohiko arbel, banakako mahai eta aulki ilararik. Atariko plakak adierazten duenez, eraikin honek 2012an bete zituen 100 urte, eta beraz, posible da edozein ikastetxe egokitzea tailerretan antolatzeko, aldizkarietako diseinu berritzaileen beharrik gabe, obra konplikaturik eta altzari garestirik gabe. Atsedenaldia da eta gaur ikasle denak kanpoan ari dira jolasean, beste batzuetan haur batzuek eskola barruan jarraitzea erabakitzen dute. Zizurkil eta Abaltzisketako eskoletan erlojuak bi gauza soilik adierazten ditu: tailerren hasiera eta amaiera eta tarte horretan zer hiru edo lau tailer egongo diren zabalik. Ez dago "klaserik", ez tailer bakoitzean eman beharreko denborarik, ez lanak bukatzeko eperik. Ikasle bakoitzak erabakitzen du zer tailerretara joan, bertan zer egin, eta zenbat denboraz. Argazkia: Dani Blanco. Ikasle bakoitzak bere lengoaiak Ohiko eskola sistemak, bereziki hizkuntzarekin nahiz matematikarekin loturiko lengoaiak bultzatzen ditu, sarri, besteak baztertuz. Eskola Txiki hauetan, saiatzen dira tailerretan lengoaia ezberdinak azaleratzeko aukerak ematen "Ume guztientzako eskola" nahi dutelako ekin zioten besteengandik hain ezberdina den eskola antolatzeko era honi. Ume guztiak gustura, motibatuta, benetan baloratuak eta errespetatuak sentitzea esan nahi du "ume guztientzako eskola" izateak, eta bakoitzari interesgarri zaizkion aukerak ematea "bere izaera, berak barruan duen hori garatzeko". Horretarako ezinbestekoa da ikasle bakoitza ulertzea, bakoitzak adierazpide edo lengoaia batzuen bidez kanporatzen baitugu barruan duguna. Aldiz, ohiko eskola sistemak, bereziki hizkuntzarekin nahiz matematikarekin loturiko lengoaiak bultzatzen ditu, sarri, besteak baztertuz. Eskola Txiki hauetan, saiatzen dira tailerretan lengoaia ezberdinak azaleratzeko aukerak ematen. Zengotitabengoak aitortu duenez, "ume batzuengan lengoaia batzuk oso garbi ikusten ditugu, baina beste lengoaia batzuk oraindik ez ditugu identifikatu. Baina kontua ez da ume horiek ez dutenik lengoaiarik, noski". Laizek gehitu du umeen lengoaiak ulertu ezean, zaila dela baliagarri izango zaizkien aukerak ematea ikasle hori egoki garatu dadin: "Oraindik ez dugu denetan asmatzen, erronka handia dugu umeren batekin, ez dugulako lortzen ikustea bera ere gustura, zentratua... baina saiatzen ari gara". Begirada aldatzea gakoa da, euren hitzetan, beste lengoaiak ezagutzeko, baina Arreseigorrek nabarmendu duenez, "ardura gurea da, irakasleona. Gure lana da, ez umearena. Normalean, umearengan jartzen da pisua eta ez irakasleongan. Eta gu gara asmatu behar dugunak edo begirada aldatu behar dugunak". Irakasleak egunero idazten du tailer bakoitzean behatu duena. Behatutakoa tailerrak hobetzeko erabiltzen dute, ez ikasleei buruzko balorazioak egin eta etiketak jartzeko. Argazkia: Dani Blanco. "Umeek ez dute helduok bezala ikusten, ez pentsatzen" Tailerretan antolatutako eskola hau "filosofia" gisa definitzen dute, "begirada" modura, "bizitzeko modu" hitzarekin ere bai. Ez da metodo itxi bat, ezta errezeta ere. Pertsona janztea eta bakoitza den hori garatzen joatea dute helburu, umeek ikaskuntza esanguratsua burutzea, eta horretarako ebidentzia honetatik abiatzen dira: "Umeek ez dute helduok bezala ikusten, are gutxiago helduok bezala pentsatzen". Elena Laiz: "Umeek ez dute pentsatzen guk nahi dugun bezala. Ez dute ikusten guk nahi dugun bezala... eta ez bagara hortik abiatzen, ez badugu hori onartzen, alferrik da. 12 urtera arte umeak dira. Umeen mundua umeena da, eta guk helduena eskatzen diegu, oso azkar" Umore handiz kontatu dute tailerrei ekin aurreko urteetan, proiektuka lan egiten zutenean, umeek landutako edukiak ez zirela benetan umeek landuak, eta ez zutela jakintza hori benetan barneratzen. Laizen hitzetan, "eduki batzuk garatzen zituzten eta iristen ziren gauza batzuk egitera, baina egin behar zirelako, eta oso behartuak, oso gidatuak, gure hitzak erabiltzen zituzten, ez zen beraien lana, nahiz eta beraiek aukeratu gaia eta nahi den guztia. Denok emaitzarekin pozik geratzen ginen, baina beraiek gero beste zerbait pentsatzen dute, ez du zerikusirik egin dutenarekin". Horren froga gisa adibide hau azaldu du: "Gertatu izan zitzaidan gai bat landu, aurkezpena egin, eta gelatik ateratakoan ikasle horietako bati galderaren bat egitea beste modu batera, eta eman zidan erantzunak ez zuen zerikusirik lanarekin! Beraiek benetan uste dutena da kontu-kontari ari zarenean erantzuten duten hori. Umeek ez dute pentsatzen guk nahi dugun bezala. Ez dute ikusten guk nahi dugun bezala... eta ez bagara hortik abiatzen, ez badugu hori onartzen, alferrik da. 12 urtera arte umeak dira. Umeen mundua umeena da, eta guk helduena eskatzen diegu, oso azkar". Ikasleek ez dute eserita egon beharrik. Hori omen da tailerrei ekin zietenean umeek gehien baloratzen zutena: "etengabe mugitu gaitezke eskola osoan batetik bestera". Argazkia: Dani Blanco. Elena Laiz: "Edukiak, tailer guztietan eta uneoro ateratzen baitira gure eskolan: beharrak eraginda, bizitzako gertakizunek eraginda, ume bakoitzaren jakin-minak eraginda..." Ume bakoitza bere ikaskuntza prozesuaren gidari dela aitortzeak eta umeen begirada eta pentsaera ez dela helduena onartzeak zeharo aldatu du irakasle hauen begirada eta funtzioa. Laizek azaldu duenez, "ikasleak etortzen zaizkigu behar gaituztenean: galdetzeko, beren kontuak esateko, ziurtatzeko, iritzia jakiteko eta beraiena esateko, gertatutakoak komentatzeko… Hori nahikoa da askotan beraien ezagutzak garatzeko, hazten joateko eta baita, guk ere, umeak gehiago ezagutzeko. Eta gainerako uneetan, ez gaituzte behar, beraien kabuz egiten dute aurrera. Irakasleon rola errotik aldatzen da ikuspegi honetan. Bidelagunak gara, ez gara zer eta nola egin behar den agintzen dugunak. Baina oso garrantzitsua da umeek gure prestutasuna sentitzea uneoro, helduen presentzia baita garrantzitsua, makina batek inoiz ordezkatuko ez lukeena". Argazkia: Dani Blanco. Begirada aldatzeak ordura arteko jokabideak deseraikitzea eskatu die. Zengotitabengoak adibide hau jarri du, ikasleekin aritzean maiz sentitzen duena: "ai! aurreratu egin naiz, egoera horretan azalpena nik eman beharrean itxaron banio, agian beste era batera jokatuko zuen ikasleak". Laizek zera gaineratu du: "'Tranpa moduko bat' egiten genuen hasieran. Adibidez, umeen arteko elkarrizketan eguzkiari buruzko aipamenen bat egin bazuten, hor joaten ginen unibertsoari buruzko informazio piloarekin, umeei ahalik eta gehien sartzeko. Eta konturatu gara ezetz, ez dutela hori ikasteko interesik. Umeak berehala konturatzen dira noiz diren gaiak benetan era naturalean eta euren interesen ondorioz atera direnak, eta noiz irakasleok tranpa eginez, behartuta sartzen dizkiegunak. Edukiak, tailer guztietan eta uneoro ateratzen baitira gure eskolan: beharrak eraginda, bizitzako gertakizunek eraginda, ume bakoitzaren jakin-minak eraginda...". Curriculuma ez al zen bada derrigorrezkoa? Alaitz Zengotitabengoa: "Legez konpetentzia batzuk lortu behar dituzte ikasleek, baina DBH 4. mailan, ez LH 6. mailan" Eskola ia guztietako doinua da curriculumak agintzen duen guztia eman ezinik dabiltzanez, ez dagoela betarik ez modurik beste hamaika gauza lantzeko. Horregatik geratu gara ahoa bete hortz, bi eskola publiko hauetan ez dituztelako curriculumeko edukiak oinarri. Zengotitabengoak azaldu digu zertara dauden legez behartuta eta zertara ez: "Konpetentzia batzuk lortu behar dituzte ikasleek, baina DBH4. mailan, alegia, 16 urtera arte dute hauek lantzeko tartea. Ez LHko 6. mailarako". Eta Arreseigorrek zalantzan jarri du curriculumak egiten duen konpetentzia eta arloen arteko loturak zentzurik baduen: "Konpetentziak arloekin lotu nahi izan dituzte, baina haien arteko lotura ez da batere ebidentea". Euren eskoletan konpetentziak edo gaitasun horiek lantzen direla berretsi dute. Arreseigorrek honela biribildu du: "Zer behar du ume batek konpetentziak garatzeko? Ziurtasuna hartzea bere gaitasunetan, bere burua ezagutzen joatea, norberak bere interesak ezagutzea, eta aukera izatea horiek garatzeko". Eta zalantzan jarri beharrekoa curriculuma bera dela gehitu du Zengotitabengoak; umeen ezaugarriekiko egokitasun falta eta edukiz gainezka egotea egotzi dio: "Posible al da umeekin egon den pertsona batek hori guztia egin daitekeela pentsatzea? Baina umeekin benetan egon denak e, ez gelara sartu, berea bota eta alde egiten duenak!". Argazkia: Dani Blanco. Ume izateko denbora eta ikasleak behatzeko denbora Curriculumeko edukiak eman beharretik beren burua askatuta, testu-liburuak agindutako ariketak jarraitu beharrik gabe eta urtez urte egin beharreko gutxienekorik zein gehienekorik gabe, denbora berreskuratu dute bi Eskola Txiki hauetan Curriculumeko edukiak eman beharretik beren burua askatuta, testu-liburuak agindutako ariketak jarraitu beharrik gabe eta urtez urte egin beharreko gutxienekorik zein gehienekorik gabe, denbora berreskuratu dute bi Eskola Txiki hauetan. Sekretua zein den galdetu diogu Zengotitabengoari: "Lehentasunak jartzea. Guk umeei ematen diegu denbora, bakoitza bere erritmoan garatzen joan dadin. Bestalde, hasten duten lana, ataza edo ekintza bukatzeko ez dute eperik. Izan ere, hauetako bakoitzak bere denbora behar du; une eta egoera bakoitzean, ezberdina". Laizek zehaztu du zer den umeei denbora ematea: "Gure ardura da denbora uztea ikasleek garatu dezaten barruan daukaten hori. Denbora eskaintzea beraien interesak landu ahal izateko". Eta beste denbora bat ere badago beren eskoletan, irakasleena, ikasleak behatzeko: "Denbora hartu egin behar da, denbora eskaini, denbora erabili... 'Ez daukagu denborarik' esaten da baina denbora denok daukagu, zertan erabiltzen dugun da gakoa".   Argazkia: Dani Blanco. Azterketak, hezkuntza sistemari Egunero, tailer bakoitzean behatutakoa idazten dute irakasleek eta astean behin irakasle guztien arteko bilera egiten dute ikasleen gainean hitz egiteko. Horrez gain, astero bi orduko formazio saioa egiten dute. Hezkuntza munduko autoreez gain, kultura, ekonomia eta gizarteko eragileen ekarpenak ere aztertzen dituzte, eta tailerretan egiten duten praktikarekin alderatzen dute etengabe, ea ipar modura hartzen dutena eta praktikan egiten ari direna bat datorren birpentsatuz. Leire Arreseigor: "Guk ez dugu esaten ikasleari zer falta zaion, eta ebaluazioak normalean hortik joaten dira. Etiketa jada hortxe dago, ikasle bakoitzaren zailtasunei lotuta, zertara ez den iristen azpimarratuz" Ebaluazio jarraitua egitea eta azterketarik ez egitea errealitatea dira hainbat eskoletan. Baina berriz ere galdera-mamua: zertara daude behartuta ikastetxeak ebaluazio kontutan? Zengotitabengoak azaldu duenez, "hiruhileko bakoitzean informeak bete behar ditugu, baina hor ere aukera zabala dago. Guk informe irekiak egiten ditugu: bertan jartzen dugu umeak zer egiten duen, zer gustatzen zaion egitea tailer bakoitzean, lagunekin aritzen den edo batez ere bakarrik, nola sentitzen den, berak proposatzen dituen lanak edo gure proposamenen zain egoten den... alegia, zer ikusten dugun. Baina ez gara baloraziotan sartzen". Arreseigorrek zera zehaztu du: "Guk ez dugu esaten ikasleari zer falta zaion, eta ebaluazioak normalean hortik joaten dira. Etiketa jada hortxe dago, ikasle bakoitzaren zailtasunei lotuta, zertara ez den iristen azpimarratuz". Ikasturte bukaeran aktak betetzera behartuta daude eta akta horiek delegaritzatik datozen eredu itxi bat direla azaldu dute, arloka antolatuta. Eta hor bai, kalifikazioa jartzera behartuta daude. "Baina ikusi dugunez denek egiten dutela aurrera eta gu ez garenez inor esateko 'honek askoz hobeto egin du aurrera besteek baino' –ez ditugunez konparatzen–, denak 'oso ondo' doaz, noski. Beraien garapena eta ikaskuntza aurrera doalako, etengabe, modu egokian", esan du Zengotitabengoak. Etaparen bukaeran, LHko 6. mailara iritsitakoan, ikusiko balute ikasle batek urtebete gehiago bertan ematea behar duela, egoera hori aztertuko lukete. Errespetu erabatekoa oinarri Filosofia honetan, eskolako kide guztiek elkarrekiko duten tratua funtsezkoa da, batez ere umeenganakoa. Ikasleek maitasuna eta errespetua sentitu behar dituztela azaldu dute, eta Laizek adierazi du benetako errespetua kontzeptu oso sakona dela: "Errespetatzea da denbora eskaintzea bera den hori garatzeko, eskaintzea aukerak lengoaia ezberdinetan aritu ahal izateko, behatzen dugun guztia izan dadila gauzak egiteko modua aldatzeko bidea eta ez ikaslea sailkatzeko edo kalifikatzeko... Umea errespetatzea da entzutea –baina ez belarriekin soilik–, baloratzea ekartzen duena, bakarkako momentuak eskaintzea, bideratzea inork ez diezaion inori minik egin, onartzea gure pentsamendutik oso urruti daudela eta beste era batera ulertzen dutela, onartzea guk proposatzen diegun guztiari ez diotela helduko eta galdera baten aurrean erantzun oso diferenteak egon daitezkeela, galdera gutxi eta irekiak egitea, ikaslea besteen aurrean ez ebidentzian uztea, ez larri sentiaraztea jendaurrean... Ikaslea ondo tratatzea hori guztia eta gehiago da". "Bai, bai, baina... DBHra joatean zer?" Elena Laiz: "Borrokatu beharko da. Ume horien gurasoek hasi beharko dute DBHn beste egiteko modu batzuk eskatzen. Zeren tristea eta injustua da umeak han moldatu behar izatea" Horra Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietako ikasleen gurasoen galdera nagusia. Laizek zorrotz erantzun du: "Orain arte, gure burua"Borrokatu beharko da. Ume horien gurasoek hasi beharko dute DBHn beste egiteko modu batzuk eskatzen. Zeren tristea eta injustua da umeak han moldatu behar izatea" babesteko edo, behartuta sentitzen ginen esatera 'lasai, egokitzen dira DBHn, moldatuko dira, ondo joango dira'. Nik orain jada ez dut hori esan nahi. Ez dut nahi umeak prestatzea horretara ondo moldatu daitezen. Zeren hori ez da, gure ustez, hezkuntza eredu egokia". Argi du bidea: . Zergatik ez probatu? Ongi bizitzearen alde Eskola publikoa dira bi hauek, eta galdetu diegu Hezkuntza sailetik zer balorazio jasotzen duten: "Beraiei galdetu beharko diezu, guk geuk ez dakigu eta" erantzun digute. Proiektu hau hasi zutenean, Begoña Garamendi Berrikuntza zuzendariak erabat babestu omen zuen proiektua. Baina oraingo berrikuntza zuzendariarekin ez omen dute elkartzerik lortu, nahiz eta behin baino gehiagotan eskaera formala egin dioten. Pertsonalki bai, Hezkuntza saileko kide askorengandik jaso omen dituzte goraipamenak, "baina hitzez harago, praktikan, momentu honetan ez dugu babesik. Esaterako, hiru urtetan zerbitzu eginkizunak izan ditugu proiektuari lotuta eta horrek klaustroari egonkortasuna ekarri dio. Aurten, aldiz, egonkortasunik ez da bermatu". Hezkuntza Sailak horrelako proiektua zaintzea, balioestea, benetan aintzakotzat hartzea, inplikatzea eta gizartean ezagutzera ematea beharrezko ikusten dute. Uste dute gainerako Eskola Txiki guztietan aukera dagoela filosofia honi ekiteko. Batzuetan hasiak dira, Larraulgo eskolan, adibidez, "jauzi handia" eman dutela diote. Eta Aizarnazabalen eta Ezkio-Itsason ere pausoak ematen hasi dira. Eta eskola handietan ere, zergatik ez probatu? "Laneko baja handienetakoa duen lanbidea da irakalseona: umeekin maiz borrokan, tiraka, denboraz larri, presiopean... Askoz hobeto biziko ginateke denok filosofia honekin: Ahaztu gauza batzuk, eman denbora beste gauza batzuei, ez borrokatu hainbeste edukiekin..." dio Laizek. Elena Laiz: "Haurtzaroa, eskolan behintzat, zoriontsu bizi badute, horrek eragin ona eduki behar du, seguru. Ezinezkoa da hemen ez ikastea" Ez da txantxetako kontua gustura bizitzea. Izan ere, ikasleak eskolan bizi egiten dira. Gaurko umeek beren eguneroko hainbeste ordu nola bizi dituztenaren arabera, izango dira etorkizuneko pertsonak eta gizartea. Laizek azken gogoeta hau utzi digu: "Umearoa etapa bat da, oso berezia, eta ez diegu lapurtu behar. Haurtzaroa, eskolan behintzat, zoriontsu bizi badute, beren buruarekin ongi, horrek eragin ona eduki behar du, seguru. Ezinezkoa da hemen ez ikastea. Gizakiok zoriontsu egon eta ez ikastea ezinezkoa da, sen hori daukagulako".   TONUCCIREN AMUA 33 urte dira Elena Laiz Zizurkilgo Eskola Txikian irakasle hasi zela. Ikaskuntza prozesuan adin aniztasunari abantailak ateratzen bide luzea urratu du geroztik Laizek: ez zuten testu-libururik erabiltzen, ez azterketarik egiten, eta lau maila elkartuta aritzen ziren gela berean. Adin aniztasuna da Eskola Txikien ezaugarri nagusia, eta irakasteko moduan eragin handia duenez, Laiz urte askoan aritu da Eskola Txiki guztietako irakasleak formatzen. Elena Laiz. Argazkia: Dani Blanco. Duela 30 urte ezagutu zituen Laizek Myriam Nemirovsky eta Francesco Tonucci pedagogoak, eta garai hartan izen hori ematen ez bazitzaion ere, proiektuka lan egiteari ekin zioten. "Baina horrekin guztiarekin ere, ikusten genuen eskola hura ez zela denontzako egokia". Tonucci 2014an etorri zen Eskola Txikietako irakasleentzako bi hitzaldi ematera eta bertan amu hau bota zien denei. Ondoren, Zizurkilgo San Millan eta Abaltzisketako Txalburu eskolek erronkari heldu zioten: tailerretan lan egitea eta adin aniztasunean sakontzea. Zizurkilgo San Millan eskolan, irakasleak beren egunerokoa azaltzen. Ezkerretik hasita lehena, Alaitz Zengotitabengoa, Zizurkilgo proiektu arduraduna; bere ondoan, Leire Arreseigor, Abaltzisketako Txalburu eskolako proiektu arduraduna. Argazkia: Dani Blanco. Proiektuan sartzea erabaki aurretik, gurasoen oniritzia bilatu zuten. Ikasle zaharrenen gurasoek izan zituzten duda gehien, "DBHra pasatzean zer?" galdera buruan. Zizurkilen proiektua aurkeztuz eta argudioak emanez lortu zuten gurasoen %100en oniritzia. "Beti bihotzez eskertuko diegu gugan jarritako konfiantza" azpimarratu du Laizek. Eskola lehendik ere pedagogikoki berritzaile izateak trantsizioa erraztu zuela uste du. Abaltzisketan, aldiz, gurasoen dudak argitzeko formazio tailer asko egin behar izan zituzten, baita bilerak ere. Gehiengoak hartu zuen proiektu honi ekiteko erabakia, eta egun gehiengoa oso gustura dago, nahiz eta oraindik DBHko jauziaz kezka adierazten duten ikasle zaharrenen gurasoek.
news
argia-7a3524b98ea0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/mugaldekoak.html
"Lanaren estimua omendu nahi izan dugu"
Mikel Asurmendi
2018-01-21
"Lanaren estimua omendu nahi izan dugu" Galdemoduen Trilogia diskoa Mugaldekoak taldearen hirugarren lana da (Gaztelupeko Hotsak, 2017). Taldekideak herriz herri ari dira kontzertuak eskaintzen. Urretxun egin genuen bat Edu Zelaieta (irakurketa, ahotsak), Beñardo Goietxe (ahotsak, gitarra elektrikoa eta akustikoa), Raúl García Etxeberria (gitarra elektrikoa eta akustikoa, zerra musikala eta ahotsak) eta Xavi Pérez Bull baxujotzailearekin. Bai diskoak bai eszenako errezitaldiak berebiziko arreta merezi dute. Duela 14 urte sortu zen. Euren proiektuaren gibelean liburu bat eta hiru disko daude: Edu Zelaietak 2004n plazaratu zuen Mugaldekoak liburua (Susa), eta hartatik "pertsonaiak pertsona bihurtu zirela", erran digu Zelaietak. Hasiera hartan Goietxe, García Etxeberria eta Zelaieta aritu ziren liburuko poema musikatuak aurkezten, eta ondoren, 2006an, Biziago sentitzeak dakarren muga ingurua n diskoa osatu zuten. 2012an, berriz, Begiak lekuko bigarren diskoa plazaratu zuten hainbat lagun musikarik lagundurik. Kanten bertsioak izan ziren nagusiki. Galdemoduen Trilogia hirugarren diskoa karrikaratu dute berriki, Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskutik betiere. Ander Barrenetxea bateria-joleaz gain, Idoia Guilleneak, Morauk eta Pettik parte hartu dute, besteak beste. Zer berri, hirugarrenean? Edu Zelaieta: Hasierako gure dinamika literarioagoa izan zen liburuaren inguruko saioa izan zelako, baina talde osatu ahala musikariak nagusitzen joan dira eta poliki-poliki dinamika musikalago batean sartu gara. Eskaintzen dugun zuzenekoa halakoxea da, kontzertu baten antza hartu du. Aldi batez, Beñardo zirikatu behar izan dut, berak ere kantuen hitzak idatzi dituelako. Beñardo Goietxe : Bai berak kitzikatua edota "behartuta" ausartu eta animatu naiz nolabait, kontrastea jartzeko. Baina ziur aski, berak eta nik egindakoak zein diren argi daude. Edo ez? Betiko galdera da. Tira, bertze pausotxo bat eman dugu, Mugaldekoak taldekook sekula egin gabea. Edonola ere, Edu gure hitzen irule nagusia izan da, da eta izanen da. Bizitza asmatu beharra dago, naski. Edu Zelaieta: "Mugaldekoak ez da talde profesionala, baina bai naturala. Bakoitza besteen mugan ari gara, eta aberasgarria da hori" Zelaieta: Bizitzari zentzua eman behar zaio. Areago, XXI. mendean bizi gara eta bizitzari zentzu emateaz gain, berrasmatu behar dugu bizitzen. Horretan ari gara, eraikuntzan, gero eta gehiago erabiltzen den hitza duzu: eraikuntza pertsonala, artistikoa, literarioa… Kontu edo erronka polita da bizitza. Mugek zedarritua betiere bizitza. Mapa pieza lekuko. Goietxe: Eduren poeta maiteenaren egokitzapena da musika pieza hori, Wislawa Szymborskarena. Mugaldekoak mapako muga-mugakoak gara. Kontzeptu hori gure artean izan da hasieratik, eta ongi definitzen gaitu: Edu Gasteizko beratarra edo Berako gasteiztarra da. Raúl eta biok Berakoak, eta orain Vilafranca del Penedèseko gizon motzor hau. Maitekiro erranik... [irriak]. Xavi Pérez Bull : Bai, Elizondon bizi naiz, Lesakan bizi ondoren, beraz ni ere mugan ibiltzen naiz aspaldion. Bartzelona eta Tarragona artean jaio nintzen, cavaren lurraldean. Militante musikala naiz, Inadaptats eta Eina taldeetan aritua, eszena punkean zaildua. Lehen jorratu ez nituen musikak jotzen ari naiz lagun hauekin, beste era batean espresatzen naiz baxuarekin orain. Pozik ari naiz, lurra hartu nuen Bera aldean, Beñardo euskara irakaslea dut... Zurgina ere banaiz eta ardiekin ibiltzen naiz tarteka. Raúl García Etxeberria: Niri atetxo zabalago bat ireki zait konposizioetan manera berezi batez lan egiteko. Beñardo eta bion artean egin izan dugu hori orain arte, baina oraingoan ekarpen pertsonalagoa egin dut, nire bidea urratu aldera. Gorputz espresio eta antzerkiko irakaslea naiz. Tailerrak antolatzen ditut haurrekin eta...; oinarrian musika lantzen dut. Mugaldekoak taldean nire lana horren adar bat da, egunerokoarekin lotzen dudana. Zelaieta : Gutako bakoitzak badu bere proiektua. Mugaldekoak ez da profesionala, baina bai naturala. Bakoitza besteen mugan ari gara, oso aberasgarria da hori. Ni irakaslea izateaz gain, idazlea naiz. Doinu bat eman letra jartzea ariketa izugarria zait, aberasten nau. Besteek ere halaxe egiten dute. Baldin eta Mugaldekoek laugarren diskorik ateratzen badugu, ni ez naiz hemen egonen, zubiak eraikitzen lan eginen dut...  [trufaka]. Etsaiak kantaren harian: garai ona al da etsaiekin adiskidetzeko? Goietxe:   Etsaiak beti ditugu inguruan, lagunak ditugun bezala. Baina kantak dioenez, etsaiak ez dira sekula behar bezala estimatzen, eta beharrezkoak dira, baina agian gehiegi ditugu. Guardia zibilez beste ari haiz, noski. Beñardo Goietxe: "Etsaiak ez dira sekula behar bezala estimatzen, eta beharrezkoak dira, baina agian gehiegi ditugu" Goietxe: Guardia zibilak bakean utzi behar ditugu. Onddo bila kantan diogunez, onndo bila ari dira, eltzetzuak dira gure hitzetan. Baina, egiari zor, etsaiak ere badira bertzelakoak, batzuk inguruan ditugu, bertze batzuk gure barrenean. Kanpoan ikusten ditugu etsaiak baina barruan ere baditugu. Horren inguruan ari dira kantaren hitzak. "Dena da botere kontua… dio beste pieza batek. Taldean ere bai? Zer dio katalan euskaldunak? Xavi Bull : Ez, ez, alderantziz, gurean ez dago hierarkiarik. Noski, bakoitzak badu argi eta garbi taldean zer egin behar duen, zein den bere rola, horrek berez sortzen du aritzeko molde bat, baina inork ez dio beste inori esaten, "hau edo beste egin behar duzu". Gure arteko boterea oso da "popularra", boterea izatekotan herrikoia da, horixe dut gustuko nik.   Beldurrak ez du barkatzen "" diozue kanta batean. Kanta ona. Zelaieta: Beldurra unibertsala da, adin guztiak harrapatzen ditu, kultura guztietako jendeak. Aurreko diskoan ere gai hori landu genuen. Beldurra ezagutu behar dugu eta kudeatzen ikasi, batzuetan, aurrez aurre begiratu behar zaio beldurrari, ausiki egin, baita bortz hozka egin ere. Iker Barandiaranek diskoaren kritika egin berri du ARGIAn. Folkak ba ote du mugarik? zioen haren testuaren lerroburuak. García Etxeberria: Ez dut uste folkak mugarik duenik. Baina gurea folka al da? Guk egiten duguna zaila da definitzen. Gurean badago folka, erreferentzia asko Ameriketarik baitatoz, doinuak eta letrak ere bai. Beñardoren erreferenteak eta bionak, asko eta asko, handik heldu dira. Xavi Bull: "Jorratu ez nituen musikak egiten ari naiz lagun hauekin, beste era batean espresatzen naiz baxuarekin orain" " Botika horizontala -k cabareta, rock baziloia, Arthur Leeren arima eta surfaren dotorezia ditu baitan", zioen Barandiaranek . Goietxe : Musika kritikariak egindakoa pertsonala da, kazetari guztiek dute konparatiba ezberdina, baina redios... Kriston ohorea da Arthur Leerekin konparatzea, maite baititugu haren kantak eta estiloa. Edonola ere, oraingoan folkaz harago joan gara, lehen bi diskoetan folkaren kutsu gehiago nabaritzen da. Raúlek jotako gitarra elektrikoa dela medio, rock kutsu handixeagoa hartu du disko berriak. Folk eta rock musiken ildoen artean ari gara. García Etxeberria : Xavik berriz, erritmo punttu berria ekarri du diskora, baxuaren erritmo joria jarri dio. Zuzenean ere ari da gurekin eta horrek diskoa eta emanaldia hurbilarazten ditu. Zuzenean ez dago bateriarik eta nabaritzen da pixka bat. Ni soka munduko hibridoa naiz, gitarra elektrikoa eta akustikoa –eta gitarra eskuko bentiladore batekin– jotzen ditut zuzenean, zerra musikala eta harmonika ere bai. Beñardok gitarra akustikoaz gain elektrikoa ere jotzen du, beraz zuzenean ere moldatzen gara... Estiloak estilo, nafar guztiei gustatzen zaizkizue rancherak. Xavi Bull : Bai, egia da, nik Xorroxin irratian entzuten ditut ia egunero. Goietxe: Dudarik gabe, honetan ez, baina bigarren diskoan Conjunto Bernalen Mi único camino kantaren bertsioa egin genuen, tex-mex klasikoa. Oraingoan ere bada, ez da tex-mex bat, baina badago landako kanta horietako bat edo bertze. Onddo bila balada horietako bat da, Mexikoko akordeoiaren ukitua du… Bortzirietatik edota Baztandik Hego nahiz Ipar Ameriketara jende asko joan zen lanera, eta Nafarroa osora zabaldu zen handik. Bertze euskal lurraldeetan ere eragin handia izan dute rancherek. Zelaieta : Aitaren aldetik nafarra izanda ere, ez naiz bertakoa. Aitari rancherak izugarri gustatzen zitzaizkion, baina hori unibertsala da. Esaterako, Arabako hainbat tokitan ere, berbenetan, entzuten dira rancherak, Joselu Anaiak folk-rock taldea hor ari da orandik ere. Hiriko menditarrak edo mendiko hiritarrak zarete? García Etxeberria: "Ez dut uste folkak mugarik duenik. Baina gurea folka al da? Guk egiten duguna zaila da definitzen" Zelaieta: Mugaldekoak proiektuaren ezaugarria kontrastea da, bai musikan bai letretan. Gu muga aldekoak gara, aldez eta moldez, nahi eta nahi gabe, kontzienteki eta inkontzienteki. Gauza anitz gustatzen zaizkigu, beste anitz ez, eta gustukoak sartzen ditugu diskoan. Kontua da koktela ongi osatzen asmatzea. Goietxe: Truke musikala eta literarioa egiten dugu, munduko gauzak sartzen ditugu. Denok menditarrak gara, denok gutxi asko badugu lotura baserritarren munduarekin, hirian ere bagabiltza, bistan da. Belaunaldi bakoitzak eman du karrikarako pausoa bere unean. Gurean kontraste hori nabaritzen da, mendiarena eta karrikarena. Bizizaleak zarete edonola ere. Hurrup! kanta lekuko. Zelaieta: Gauza ainitz gara. Disko honetan aurrekoetan baino letra errimatu gehiago daude. Hori ere izan dugu ariketa edo gimnasia gisako bat. Prozedura aldetik, muga-mugan dauden piezak dira, musiken eta letren arteko zubiak dira. Hasieran, idazkiak musikatzen genituen gehien eta orain alderantziz, musikari letrak jartzen dizkiogu. Mugaldean gabiltza betiere, batetik abiatu eta alderantziz bidea eginez. Hurrup! kanta da horren lekuko, baiki. Goietxe: Euskalki gehiago sartu dugu, Bortzirietakoa eta lapurtera nahasian, Eduren Gasteizko euskalkia barne. Hitzen mugen artean, gurea askotako kolorea da, kolore nabarra. Emaztekia langile azken kanta hizpide, zuzenean darabiltzazuen galdemoduen filosofiaren harian: mundua mundu denetik utzi al dio emakumeak lan egiteari? Zelaieta: Diskoan oro har, badago gogoeta anitz, baita zirtoa erabiltzeko joera ere. Hain zuzen, zuzenean darabilgun "galdemodua", saioa planteatzeko eta harilkatzeko modua da. Zientzian nola filosofian planteatzen den gisan, guk halatsu nahi dugu egin. Kanta horren letra bluesman batena da, nik egokitua; alta, 1928ko emazte langileen blues bat da, Mississippikoa. García Etxeberria: Hitz horiek ingelesetik euskara pasatzea, eta egoki kantatzea oso zaila da, beraz, tratamendu libreagoa eta zabalagoa eman diogu kantari. Goietxe: Topikoa izan liteke, baina ama, amatxi, baserriko emakumeei, eta gaur egungo emakume langileei eskainia da. Lanaren estimua omendu nahi izan dugu. Oro har ere, diskoa ildo horretan egina dago. Mugaldekoak Urretxun: Raúl García Etxeberria, Edu Zelaieta, Xavi Pérez Bull eta Beñardo Goietxe.
news
argia-62288286d946
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/euskarabentura.html
120 gazteko espedizioa euskararen erabilera aktibatzeko
Onintza Irureta Azkune
2018-01-21
120 gazteko espedizioa euskararen erabilera aktibatzeko 16-17 urteko gazteak 'Ruta Quetzal' modukoan bilduko dira uztailean. Euskal Herria zeharkatuko dute eta baldintza nagusia euskaldunak izatea da. Antolatzaileak Euskal Herriko hainbat txokotako dozena bat gazte dira. Egitasmoaren aurkezpen ekitaldian hala adierazi zuten antolatzaileek: "Gazte garaian harreman berri asko egiten dira eta oso garrantzitsua da harreman horietako hizkuntza ohituretan eragitea". EuskarAbenturak hiztun gazteen hizkuntza-aktibazioan eragin nahi du, horixe du xede nagusia Euskaraldiaren urtearekin (ustekabean) bat egin duen egitasmoak. Abenturan parte hartuko duten gazteek motibazio gutuna idatzi beharko dute eta hiru gai orokorren inguruko lan bat egin. Lanerako gaiak ondokoak dira: euskara eta emakumeak, euskara eta zure herria, euskara eta itsasoa. Lanak historikoak, literarioak, plastikoak, musikalak eta ikus-entzunezkoak izan daitezke. Martxoaren 18an bukatuko da gutuna eta lana bidaltzeko epea eta abenturaren sustatzaile taldeak Eusko Ikaskuntzarekin batera egingo ditu ebaluaketak. Apirilaren 16an jakingo da 120 gazteen zerrenda. Gazteak zazpi herrialdeetakoak eta diasporakoak izan daitezke, baldintza bakarra euskara jakitea baita. 2018ko uztailean Euskal Herria zeharkatuko dute Done Jakue bidea jarraituz eta Unescok gizateriaren ondare izendatutako koba eta zubiak bisitatuz. Euskararen erabilera sustatzeaz gain EuskarAbenturak baditu beste xede batzuk, hala nola, euskal lurraldea sakonago ezagutzea eta gazte euskaldunen sarea osatzea. Babesle ekonomikoak ondokoak izango dira: BBK, Akitania Berria Erregioa, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea, Jaso Fundazioa eta Getxoko Udala. Mauletik Getxora Espedizioa Mauletik abiatuko da eta Done Jakueren Frantses Bidea jarraituko dute. Vianan oinez ibiltzeari utzi eta garraioz Arabara jauzi egingo dute eta Done Jakue Barnealdeko Bideari helduko diote. Irunera iritsitakoan beste jauzi baten bitartez Baionara joango dira eta handik Done Jakue Frantses Bideari segika Getxon amaituko dute hilabeteko abentura. Gizateriaren ondare izendatutako guneetan geldialdi bereziak egingo dituzte, hala nola, Nafarroan Done Jakue Bidea gunean eta Gipuzkoako eta Bizkaiko iparraldean Altxerriko, Ekaingo eta Santimamiñeko kobetan eta Bizkaiko zubian.
news
argia-9048ebc0831d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/genetikoki-eraldatutako-sagarrak.html
Genetikoki eraldatutako sagarrak
Jakoba Errekondo
2018-01-21
Genetikoki eraldatutako sagarrak Artikotik dator berria. Artikotik haize hotza, garondo-zuloak eta paparoak ebakitzen dituen horietakoa. Kanadan barrena datorkigu ipar haizea, eta ingelesez dator, Arctic. Sagar negozioak dituen enpresa handia da Okanagan Specialty Fruits Inc. Aurten aurkeztu ditu Arctic sagarrak. Genetikoki eraldatutako sagarrak dira. Aldaketa horren helburua da sagarra ebakitzen denean ez gorritzea, ez herdoiltzea. Sagarra ebakitzean, aireko oxigenoak mamiari kolorea aldatzen dio; fruitua ez da txartzen, baina alferrik galduaren itxura hartzen du. Itxura hori ez izatearren aldatu diote genetika. Gorritzearen erantzulea den entzima, PPO edo polifenol oxidasa "isilarazi" egin dute, eta ia batere ez duen sagarrondoa sortu. Arctic Golden merkaturatu dute, dagoeneko, eta bidean dira Arctic Granny eta Arctic Fuji. Sagarraren mamia ez gorritzeak zer dakar? Ez gara jabetzen noiz moztua izan den. Ordu pare batean erabat gorrituko litzatekeen sagar atala, egunak pasata ere, moztu berriaren itxurarekin egongo da. Horri heltzeko helburuarekin milioiak inbertitu eta sortu dute aldaketa genetikoa. Hamaiketakorako lantokira edo ikastetxera gordina eta oso-osorik eramaten dugun sagar hori saldu nahi digute. Sagarra ebaki, zuritu eta atalak poltsatxo batean sartuta, saldu ere. Poltsatxoan saltzea da negozioa. Kolorea ez zaio aldatuko, baina egunak eta egunak moztuta daramatzan sagar atalak aho sabaian zer kitzika, zer kilima eragin behar du? Hori ez da, ordea, garrantzitsua. Itxura, begietarako itxura soilik saldu nahi dute. Eta aberastu. Negozioa borobiltzeko, lotsaren arrastorik gabe, sagar asko gorritu eta alferrik galtzen dela esateko muturra dute. Eta ordainetan bere sagarrekin plastikozko poltsatxo bat beste hondakinik ez dela sortzen. Eta betiko bidetik: zientzialari eta ikerketa institutu batzuen txostenen abaroan.
news
argia-dbf2c041ee49
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/beste-harribitxi-bat.html
Beste harribitxi bat
Joxi Ubeda Goikoetxea
2018-01-21
Beste harribitxi bat Xabier Montoiak beste harribitxi bat atera du. Beste kantu eder sorta bat: kantu onak, hunkigarriak, soilak eta sendoak. Giroak lasaiak dira, melodia politak, eta kantak oso ongi jantziak daude, beren neurrian, apaingarri gutxi dituzte baina nahikoak. Kantek barru-barruan nabaritzeko egoerak eta sentipenak azaltzen dituzte: denboraren joana, oroimena, adiskidetasuna, maitasuna, eustea, zutik irautea, aurrera egitea... Xabier Montoiaren ahotsak eta kantatzeko moduak, musika tresnen notekin ongi lagunduta, ederki transmititzen du hori guztia, eta kantek zirrara sorrarazten dute. Ibon Rodriguezek egin duen lana aipagarria da, pianoa eta gitarra jo eta abesteaz gain konponketak eta grabazioa prestatzeko zereginak egin ditu. Hark sortu ditu diskoan dauden hamar kanten orkestra moldaketak, paperaren gainean idatzi, eta partiturak Itziar Lertxundi (txeloa eta ahotsak), Monika Peino (biola), Leire Pikabea (biolina) eta Xabier Zeberio (biolina) musikariek bikain interpretatu dituzte Fredi Pelaez soinu teknikariaren gidaritzapean Beasaingo Pottoko estudioan. Aspaldi nengoen Xabier Montoiaren disko berriaren zain –aurrekoa, Montoiaren mundu miresgarria (Bidehuts) 2011n kaleratu zuen–, onartu behar baitut oso atsegin dudala egiten duena, bai diskoetan bai liburuetan, eta disko berria ere oso gustuko dut. Sortzaile handia da, bere ibilbidean hamaika kanta eder sortu ditu. Beti oporretan (Esan Ozenki, 1995) bakarka kaleratu zuen lehen diskoa eta gero, beste sei osatu ditu, eta diskoz disko beti zerbait desberdina egin du. Pop-rock, gitarra doinu indartsuak, elektronika, eta beste hainbat modutan jantzi izan ditu bere kantak, baina denetan dago bere begirada, ikuspegia eta nortasuna, bere inspirazioa, kantak egiteko modua, bere estiloa. Gorraizea lana aurreko diskoaren orpotik etorri da, eta txeloa, pianoa eta gitarra akustikoaz gain, beste hari musika tresna batzuk erabili ditu. Lan berriaren kantekin jendaurreko emanaldiak udaberri aldera egingo omen dituzte. Horien zain gaude, beraz, kanta hauek bertatik bertara sentitzeko, jotzen ari diren unean.
news
argia-3fb25b52fe83
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/zortzi-mozkor-mota.html
Zortzi mozkor mota
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-01-21
Zortzi mozkor mota Londres, 1592. Thomas Nashe (1567-1601) Errenazimentuko idazle satirikoak Pierce Penilesse his Supplication to the Divell (Pierce gizagaixoa deabruari erreguka) panfletoa argitaratu zuen. Bi urte geroago The Unfortunate Traveller (Zorigaiztoko bidaiaria) ingelesezko lehen nobela pikareskoa idatziko zuen, baina arrakasta 1592ko panfleto satiriko harekin lortuko zuen, polemikaren eskutik. Gabriel eta Richard Harvey idazleek gogor kritikatu zuten Nasheren eta bere lagun Robert Greenen lana. Anaien neurrigabekeriei erantzunez idatzi zuen Nashek panfletoa eta horrek ika-mika areagotu besterik ez zuen egin. Idazleen arteko gatazkak 1599ra arte iraun zuen; azkenean, Ingalaterrako Elizak esku hartzea erabaki zuen, arerioei elkarri mokoka jarrai zezaten galaraziz eta polemika behin betiko itxiz. Harvey anaiak barregarri uzteaz gain (edo, zeharka, barregarri uzten jarraitzeko), Nashek zerrenda bitxia jaso zuen Pierce Penilessen; animaliak erabiliz, identifikatuta zeuzkan zortzi mozkor motak deskribatu zituen. "Lehen mozkor mota tximinoa da; saltoka, kantuan, oihuka eta dantzan dabil". Bigarren motako mozkorra lehoiarekin alderatu zuen: "Dena nahasten du, ingurukoak iraintzen ditu, gauzak puskatzen ditu eta hitz egiten dion edonorekin liskarra pizteko joera du". Hirugarren mozkorrak, berriz, txerriaren antza du: "Astuna da, erdi lo dago eta negar egiten du edari gehiago lortzeko". Laugarrenak ardien antzera jokatzen du: "Zuhurra da, isilik egoten da hitz egokia topatzen duen arte". Ahatea erabiltzen du bosgarren mozkor mota deskribatzeko: "Eztia eta maitagarria da, eta alboan duenari musu ematen dio, zenbat maite duen esanez, eta betiko maiteko duela, besteak atzera maite ez badu ere". Harrigarria da seigarren mozkor motaren dohaina, txinpantzearena: "Edan eta edan egiten du mozkortu arte eta edaten jarraitzen du mozkorra pasa arte". Zazpigarrena akerra da: "Mozkortzean, lizunkeria besterik ez du buruan". Azkenik, azeri gisako mozkorrak daude: "Herbeheretarrengan oso ohikoa, edariak azkarrago eta irudimentsuago bihurtzen ditu". Lau mende pasatxo geroago, Nasheren zooa bizirik dago gure artean.
news
argia-fa9f5ba42ef8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/ezker-eraldatzailea-bizirik-dago-latinoamerikan.html
Ezker eraldatzailea bizirik dago Latinoamerikan
Asier Blas Mendoza
2018-01-21
Ezker eraldatzailea bizirik dago Latinoamerikan Mundua polo bakarreko egitura inperialista batetik polo anitzetako egitura baterako trantsizioan dago. Berri ona da, potentzien arteko pisu eta kontrapisuen joko horrek soberania esparru autonomoak eta eraldatzaileak jaio edota indartzeko abagunea sortu baitu. Testuinguru horretan garatu ziren Latinoamerikako ezkerreko gobernuak. Zoritxarrez oasi bat izan dira indar progresisten panoraman. Bitartean, munduko ezkerreko indar hegemonikoak noraezean egon dira. Ezkerreko puristek maiz kritikatu dituzte Latinoamerikako gobernu eraldatzaileak: lehengaiekiko dependentzia, estraktibismoa, egitura ekonomikoa eraldatzeko proiektu ahulak, ustelkeria, ustezko pitzadura demokratikoak edota naturarekiko begirune eskasa. Kritika guztiak argudio sendoek sostengatzen badituzte ere, askotan mendebaldarzentrismotik eginak dira jarrera ez eraikitzailearekin. Baina ez dezagun galdu perspektiba, ezker eraldatzailea Latinoamerikako gobernuetara iritsi zenean premiazko egoera zen nagusi herrialde horietan. Lehenengo betebeharra neoliberalismoak sortutako miseria eta hondamendiari aurre egitea zen. Egoera zail horren erdian, erakundeak sortu eta botere-arazteko prozesua burutu zuten birbanaketa burutzeko politika publikoak aurrera eraman ahal izateko. Abiapuntua ezin kaskarragoa zen: egitura eta kultura neoliberala zen jaun eta jabe, eta kasu gehienetan mugimendu eraldatzaileen oinarria soziala klase apalenek soilik osatzen zuten, ezkerrak ez zituen koadro prestatuak. Halere, esperimentuak emaitza txukunak lortu ditu, krisia iritsi bada ere. Litekeena da egungo argazkia duela 12 urtekoa baino errealagoa izatea. Ameriketako Estatu Batuak despitatu samar harrapatu zituen orduko olatu ezkertiarrak, baina ikasi egin zuen eta Barack Obamaren eskutik Latinoamerikara bueltatu ziren Litekeena da egungo argazkia duela 12 urtekoa baino errealagoa izatea. Ameriketako Estatu Batuak despitatu samar harrapatu zituen orduko olatu ezkertiarrak, baina ikasi egin zuen eta Barack Obamaren eskutik Latinoamerikara bueltatu ziren. Inflexio puntua 2009ko Manuel Zelayaren kontrako Honduraseko estatu kolpea izan zen. Ordutik AEBen esku-hartzea ugaldu eta indartu egin da, kontra ofentsiban dago: 2012an Paraguain estatu kolpe leuna egon zen Fernando Lugo kargugabetzeko, 2016an Dilma Rousseff kargugabetzeko Brasilen eta 2015ean Mauricio Macri eskuindarra iritsi zen Argentinako Presidente kargura. Gobernuen desgasteak, lehengaien prezio erorketak eta AEBen esku-hartze aktiboek esplika dezakete krisiaren parte bat, baina badago beste faktore bat. Indar aurrerakoiek polarizazio estrategiak alboratu zituzten kudeaketaren diskurtsoaren mesedetan. Eskumaren errelatoa erosi zuen ezkerrak, hau da, herritarrak karga ideologiko-politikoagatik nekatuak omen zeuden. Logika horretatik ulertu behar da Rouseffek ortodoxia ekonomiko liberalaren defendatzaile bat jarri izana Ekonomia Ministerioan edo alderdi aurrerakoien hautagai presidentzial berriak ilusioa sortzen ez zuten moderatuak izatea: Argentinan Daniel Scioli (Macriren aurka galdu zuen), Ekuadorren Lenin Moreno edo Uruguain Tabaré Vázquez. Krisiak krisi, neoliberalismoak arazo bat du, ez du batere erraza bere eredua inposatzea hauteskundeen bitartez. Lenin Moreno traidore bat izan daiteke, baina Alianza País-ek irabazi zituen hauteskundeak; Chavismoa nabarmen indartu da; Temer gorrotatua da Brasilen eta Lulak aukera guztiak ditu irabazteko; Evo Moralesek Bolivian jarraituko duela iragarri du; El Salvadorren FMLN dago gobernuan; Uruguain Frente Amplio eta Nikaraguan FSLN. Eskuinak Hondurasen hauteskunde iruzur masibo bat burutu behar izan du boterea mantentzeko, nazioarteko begiraleek horrela aitortu dute. Macrik eta Temerrek neoliberalismoa inposatzeko presa dute, boterean gutxi iraungo duenaren presa dirudi. Zentzu horretan, 2018a erabakigarria izango da Latinoamerikan, ezkerreko gobernuen aliantzaren zutabe izan diren Brasil eta Venezuelan hauteskunde presidentzialak daude.
news
argia-70dff11e89f1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/11000-litro-sagar-zuku-barrundiako-udal-lokaletik-atereak.html
11.000 litro sagar zuku Barrundiako udal lokaletik atereak
Garazi Zabaleta
2018-01-21
11.000 litro sagar zuku Barrundiako udal lokaletik atereak Hirugarren urtez, etxeko sagar zuku eta sagardo gozoa egin ahal izan dute Arabako Barrundia udalerriko herritarrek. 2016an berritu eta egokitu zuen Udalak Ozaetan jada martxan zen lokala, sagar zukua egiteko beharrezko material eta tresneria herritarrentzat eskuragarri jarriz. Asko dira geroztik transformazio gunetik pasa direnak. Urtetik urtera, gehiago. Herritarrak zukugile Barrundian sagarrarekiko lotura bazegoela eta askok sagarrondoak bazituztela ikusita, horri probetxua atera eta herritarrak beraiek etxeko zukua egitera animatu nahi izan ditu Udalak proiektuarekin. Udalerriko hainbat pertsonek lehenago Aramaion sagar zukua egiten izandako esperientziak ere lagundu zuen proiektuaren sorreran. Zukua egiteko birringailu edo matxakak, prentsak eta bi eltze pasteurizatzailek osatzen dute Ozaetako guneko makineria. Edonorentzako erabilterrazak dira eta herriko beharretara daude egokituak. Argazkia: Barrundiako Ekonomatoa. Aurtengo kanpainan, udal instalaziotik 20.000 kilo sagar inguru pasatu direla eta guztira 11.067 litro zuku egin dituztela azaldu dute Noticias de Álava egunkarian. Aurtengo uzta ez da onena izan udaberriko izotzen eraginez, eta horregatik, iaz bezala, ekoitzitako kantitatea gutxitu egin da. Pozik agertu da Udala, dena den, Barrundiako nahiz inguruko herrietako 70 taldek erabili baitute instalazioa, eta sagar zukuaren bueltan herritarren artean sortu den harreman eta giro ona azpimarratu dute. Barrundiako Ekonomatoa ere laguntzaile Tokiko kontsumoaren, nekazaritzaren eta elikadura burujabetzaren inguruan lanean diharduen proiektua da Barrundiako Ekonomatoa. Hurbileko eta kalitatezko produktuak saltzeaz gain bestelako ekimenak antolatzen dituzte, eta aurten beste behin transformazio gunearen antolakuntza eta koordinazio lanetan ere aritu dira. Ekonomatoko pertsona bat arduratu da Udal azpiegituren erabilpen eta mantenu egokia bermatzeaz, hurrengo urtean Ozaetako guneari zukua ateratzen jarrai dezaten…
news
argia-8760daff8d9c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/benjamin-caillard-laborategitik-oihanera.html
"Tenperaturaren arabera kolorez aldatuko duen jantzia beharrezkoa dugu?"
Jenofa Berhokoirigoin
2018-01-21
"Tenperaturaren arabera kolorez aldatuko duen jantzia beharrezkoa dugu?" Nanoteknologiez anitz daki Caillard zientifikoak. Funtsean, horregatik zuen arlo horretatik urruntzeko erabakia hartu 2016an, dakartzaten ondorio arriskutsuen konplize ez zuelako izan nahi. Laborategia behin betikoz utzirik, Bordele ondoko oihanean bizi da geroztik, hautuzko sinpletasunean. Izakiaren 1/1.000.000.000 eskalan buruturiko teknologia horretaz aritu gara. Laborategiko atea klaskatu duzu. Funtzionario izaki, zerbitzu publikoa eskaintzea nuen lehen helburu. Baina sentsazioa neukan ez nuela lortzen eta alderantziz, balore horren aurka nindoala. Dimisioa eman nuen 2016ko urtarrilean. Kooperatiba batean nabil orain, formazioak eskaintzen. Barnetik alda daiteke sistema? Oilarkerian aritzea lirateke erraitea "bai posible da" ala "ez, ezinezkoa da". Batek dio sistema politiko instituzional bat aldatzeko hiru osagai batu behar direla: aurka, gabe eta -rekin. Hiru joerak beharrezkoak dira: aurkako mugimenduan dabiltzanak, alternatibak eraikitzen dabiltzanak, baita sistemaren baitan eragiten dabiltzanak ere. Horretarako anitz izan behar dugu. Unibertsitatea alda daiteke? Zientziari zuzendu sinesmena nagusi da unibertsitatearen baitan. Arazo guztiak zientziak konponduko dituenaren sinesmena ikaragarri handia da. Zientismoa deitzen zaio horri. Uste honen aurka joatea oso zaila da, obskurantistaz edo kontserbadoretzat jotzen zaituzte. Jendartean ere izugarri azkarra da zientismoa. Hitz egin dezagun nanoteknologiaz. Nanok miliargarren erran nahi du, nanoteknologia izakiaren 1/1.000.000.000 eskalan burutu teknologia da. Gutxi gorabehera hogeita hamar bat atomok osatzen dute nanometro bat. Ile baten lodieraren 1/10.000. Izutzeraino txikia. Lehentasunetan sartu gabe, bi elementu nagusi dira aipatzekoak. Batetik, materiak propietatez aldatzen du. Eguzkiko krema adibide on bat da; lehen zuria zena, orain gardena da. Nano partikulakoa ez zen titanio dioxidotik nano partikula formako titano dioxidora pasa gara. Bestetik, eskala honetan, biziduna elektronikoarekin hibridatu daiteke. Horrela, NBIC edota BANG konbergentzia osatzen da. Nanoteknologiek ahalbidetzen dute transhumanisten ametsa edota doi bat bizirik diren robot inteligenteen zientzia fikzioa. Arriskuak ditu, transhumanistei bost axola zaizkielako ondorioztatuko dituen inegalitateak edota dakarzkien galdera etikoak, demagun, gure gogoetetaraino doan kontrola orokortuarena. Hitz egin dezagun arriskuez. Lau motakoak dira. Lehena eta ene ustez nagusia, etikari lotua da. Bizia eta informatikaren nahasketa, adimendu artifiziala... Nor izan daiteke zuzenki minaren gunera joango den nanopartikularren aurka? Ezin gara horren aurka izan. Baina batzuk umeetaraino doaz, memoria emendatua edota begi bionikoetara arte. Arazo politikoak ere ditu. Zeinek eskuratuko ditu? Aberatsek. Ingurumenari lotu arazoak ondorioztatzen ditu ere. Nanopartikula hauek fabrikatuak eta aurtikiak dira. Nola tratatu? Ez dakigu. Nanopartikula batzuk arrainak bestelakotzen dituzte. Fabrikatuak izan dira. Nuklearrarekin planteatu geriza bera behar lirateke nanoteknologiarekin. Maleruski, ez da horrela gertatzen, ez dira aski babestuak. Arriskua toxikologikoa da. Geroz eta pozoi gehiago hartu eta geroz eta gaizkiago izango zara. Nanopartikulekin ez da horrela. Nanopartikula batean miliarka nano dira. Larru gainean hein bateko gramo bat ezarriz ez zaizu ezer larri gertatuko. Haatik, tamaina baten azpitik baldin bada, orduan gorputzak dauzkan babeserako paretak zeharkatuko ditu eta zelulak hilko. Arriskua ez da dosiari lotua, tamainari baizik. Adibidez, hein bateko titanio dioxidoak eraikiz ez da arazorik; baina, 100 nanometroko gramo bat eraikitzen badut, tartean, egonen dira 50 nanometrokoak ere. Nanometroen tamaina ez da beti bera eta horretan da lanjerra. Objektiboki, ondoko galdera luza daiteke: beharrezkoak ditugu? Tenperaturaren arabera kolorez aldatuko duen jantzi inteligentea beharrezkoa dugu? Zientziari esker, kontrol absolutu bateko demokrazia goazela erran izan duzu. Geroz eta informazio gehiago ditugu eskura. Hori horrela, haien boterea galtzeko beldurrez dira boteredunak. Egonkortasunik ezean dugu mundua, krisi klimatikoa hor dugu, pobreak asaldatzen hasten dira, zapaldurikoak antolatzen dabiltza... eta horren parean, kontrola gora doa. 1984an gara, baina 2017an! Sekulako ahalak dituzte, aurpegiko edota ahotseko ezagutzen edota detekziorako algoritmoen bidez. Mobilizazio bat lortzea oso zaila izanen zaigu hemendik zazpi zortzi urtera, hasi aitzinetik zainduak izanen garelako. Haatik, beti demokrazia izendatzen duten sisteman izango gara, "Macron tontoa da" erraten ahalko dugu. Jardutea, hori ezinezkoa izanen zaigu. Zoriona aurkitu duzu oihanean? Errango nuke nire ideiekin koherenteago naizela eta horrela hobeto sentitzen naizela. Baina hobetu beharra dago beti, gogoeta eskema batzuk deseraiki behar ditut oraindik.
news
argia-a8ef186bed7d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/gipuzkoako-euskararen-normalizazio-plana-behin-betiko-indargabetu-du-eaeko-auzitegi-gorenak.html
Gipuzkoako Euskararen Normalizazio Plana behin betiko indargabetu du EAEko Auzitegi Gorenak
Andoni Mikelarena
2018-01-15
Gipuzkoako Euskararen Normalizazio Plana behin betiko indargabetu du EAEko Auzitegi Gorenak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Euskararen Normalizazio planeko bost puntu indargabetu ditu. Auzitegiak ez du Aldundiak jarritako errekurtsoa tramitera onartu. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak hartu du erabakia. Euskararen Normalizazio planeko bost puntu indargabetu ditu, aurreko legegintzaldian EH Bilduren Gobernuak bultzatu eta egungo Gipuzkoako Aldundiak babestu duen planetik. Auzitegiaren arabera gazteleraren eta euskararen koofizialtasuna urratzen ditu eta "efektu diskriminatzailea" du araudiak. Espainiako Estatuko Abokatuak jarri zuen araudiaren aurkako salaketa. 2017ko maiatzean indargabetu zituen bost puntu horiek auzitegiak. Gipuzkoako Aldundiak errekurtsoa jarri zion erabaki hari, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ordea ez du errekurtsoa tramitera onartu. Beraz, sententzia argia da eta jada ez dago errekurtsoak jartzeko aukerarik. Auzitegiak indargabetu dituen puntu horietan, instituzioaren komunikazioa, kontratazioetarako baldintzak, diru laguntzen ingurukoak… zeuden jasoak: Prentsaurrekoetako hizkuntza Araudiaren bosgarren artikuluak, Aldundiak prentsaurrekoak edo ekitaldi publikoak euskara hutsean egitea baimentzen zuen, nahiz eta euskara ulertzen ez dutenei, mezua ulertzeko bitartekoak jarriko lizkiekeen. Kontratazioetarako baldintza Administrazioak izenpetutako kontratazioetan, enpresaren lan esparrua dena delakoa ere, Aldundiak berak betetzen dituen hizkuntza irizpideak betearaziko lizkieke enpresa horiei 8. artikuluaren arabera. Diru-laguntzen hizkuntza betebeharrak 9.3 artikuluan, Gipuzkoako Aldunditik diru-laguntzak jasotzen dituen elkarte, erakunde edo pertsonek, euren dokumentu, euskarri, publizitate edo ekitaldi publikoetan euskara erabiltzea eskatzen zuen. Komunikazio kanpainak Hamaikagarren artikuluak, administrazio prozeduretatik kanpoko eremuan egiten diren komunikazio kanpainetan, "euskara eta gaztelera orekatuta" erabiltzea jasotzen du, beti ere euskarari konposizioarekin, tipografiarekin eta bestelako elementuekin lehentasuna emanda. Webgunean euskaratik hasi Gipuzkoako Aldundiaren webgunerako sarrera euskarazko orrialdetik lehenestea jasotzen zuen 13. artikulu honek. Hau da, Gipuzkoako Aldundiaren webgunera sartu ezkero, aurreneko orria euskaraz agertuko litzateke, nahiz eta ondoren gazteleraz jartzeko aukera izango luken erabiltzaileak.
news
argia-29e5d989fe5a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/alexis-diaz-pimienta-repentista-kubatarra.html
"Hemendik 20 urtera repentismoak izugarrizko loraldia izango du, hasi gara zantzuak igartzen"
Dabi Piedra
2018-01-21
"Hemendik 20 urtera repentismoak izugarrizko loraldia izango du, hasi gara zantzuak igartzen" Kubako inprobisazioaren, repentismoaren, bultzatzaile handienetako bat da Alexis Díaz Pimienta (Habana, 1966). Inprobisatzaile ez ezik, eragile ere bada, neska-mutilentzako repentismo eskolak sortu baititu uharte guztian. Kuba eta Espainia artean bizi denez, Andaluzian eta Murtzian ere ibilia da hango tradizioak sustatzen. Gainera, unibertsitatera eraman du repentismoa: Poesia Inprobisatuaren Katedra Esperimentalaren zuzendaria eta Dezimaren eta Bertso Inprobisatuaren Zentro Iberoamerikarreko zuzendariordea da. Idatziz ere trebea da, poemak, ipuinak, nobelak eta saiakerak argitaratu ditu. Munduko Inprobisazioaren V. Topaketen barruan, Bilboko Hika Ateneoan izan zen Alexis Díaz Pimienta, 2017ko azaroan. Oihana Bartra bertsolaria izan zuen kantulagun. Bertsolaritza ondo baino hobeto ezagutzen du Díaz Pimientak eta, jatorri desberdinekoak izan arren, Kubako eta Euskal Herriko tradizioen arteko lotura azpimarratu du. Nola izan zenuen bertsolaritzaren berri? Orain dela hogei urte baino gehiago ezagutu nuen eta bertsolari onenekin inprobisatzeko zortea izan dut: Andoni Egaña, Jon Sarasua... Gainera, emakumezko bertsolariekin batera oholtzan egoteak ere motibatu egiten nau. Izan ere, ia kultura guztietan emakumeek egindako repentismoa defizitarioa da oraindik, eta asko poztu nintzen 2009an Maialen Lujanbiok Txapelketa Nagusia irabazi zuenean. Urte hartan bertan, Medellingo (Kolonbia) andrazko trobadore batek irabazi zuen hango lehiaketa lehenengoz eta Kuban ere emakume bat izan genuen irabazle. Une historikoa izan zen. Euskal Herriko eta Kubako inprobisazioen artean zer alde dago? Kuban inprobisazioa poesiari oso lotua dago. Metaforak, irudiak... sortzea da inprobisatzailearen helburu garrantzitsu bat. Baina lehiak ere badu lekua, kantukideen arteko elkarrizketak alegia. Argazkia: Manuel M. Mateo. Zer ekarriko zenuke Kubatik bertsolaritzara? Tradizio bakoitzak bere esentzia du. Bertsolaritzak asko aportatzen du munduko ahots inprobisatzaileen kontzertuan. Beharbada, kanpoko beste estilo batzuk entzuten dituzuenean, gure alaitasun eszeniko edo jai-girorako joeraren hutsunea igartzen duzue, baina ez dut uste hori gabezia denik, bertsolaritzak ezaugarri hori ez duela da kontua, besterik gabe. Bertsolaritzan publikoa barrez ikusten dut nik, barnean badarama jai-giro hori, itxurazko seriotasun horren atzean. Diskurtsoaren bidez konplizitate handia sortzen da publikoaren eta bertsolarien artean. Keinuetan ez da oso aberatsa, baina hori ere alde du, beste bide komunikatibo batzuk arakatzen dituelako. Munduko inprobisazio askotan musika-tresnek laguntzen diote hitzari, Euskal Herrian, ordea, ez. Zuk zeuk ere a capella abestu duzu Hika Ateneoko saioan. "Bertsolaritzak ez du musikaren beharrik. Musikari handiek baino ez dute aintzat hartzen isiltasunak duen balio musikala" Bertsolaritzak ez du musikaren beharrik. Nik neure liburuetan maiz aipatzen dut "isiltasunaren musika", musikari handiek baino ez dute aintzat hartzen isiltasunak duen balio musikala. Idortasun eszeniko horrek egiten du berezi bertsolaritza beste inprobisazio batzuen aldean. Ona al da repentismoaren osasuna Kuban? Inoiz baino osasuntsuago dago. Habanako Unibertsitatean repentismoaren inguruko katedra sortu nuen eta, ondoren, repentismo tailerren proiektu nazionala bultzatu nuen. 70 eskola baino gehiago dira. Harrezkero 17 urte joan dira eta pozik nago, orduan hasitakoak gaur arte segitu duelako, eta gero eta haur eta gazte gehiago ari dira. Gero eta neska gehiago ere bai, horretan ahalegin berezia egin izan dut beti. Zuen lekukoa hartuko duten gazteak badaude, beraz. Gurea trantsizio belaunaldia da. Klasikoak ezagutu genituen eta zubilana egitea dagokigu. Uste dut hemendik 20 urtera repentismoak izugarrizko loraldia izango duela, orain ere hasi gara horren zantzuak igartzen, Kuban fenomeno kultural sendoa da. Euskal Herrian bertsolaritzak landa eremutik ingurune urbanora jauzi egin du. Kuban antzera izan da? Kuban berdin-berdin. Ni neu ere kaletarra naiz, patatak ereiten ere ez dakit! Nire seme-alabetan eta ilobetan ikusten ari naiz nola Kuban neo-repentismo gisako bat agertzen hasi den, inprobisazio urbanoagoa da hori, beste helburu, estetika eta ezaugarri batzuekin, landa eremuko erreferentzietatik urruti. Fenomeno hori leku askotan ari da gertatzen, ez bakarrik Euskal Herrian eta Kuban, baita Puerto Ricon, Panaman edo Argentinan ere. Argazkia: Manuel M. Mateo. Inprobisazioa unibertsitatera eraman duzu. Horrek ere eman dio bultzada repentismoari? "Akademikoak behingoz konturatu behar dira era honetako adierazpide kulturalek duten garrantziaz, aurreiritzirik gabe begira diezaietela" Akademikoak behingoz konturatu behar dira era honetako adierazpide kulturalek duten garrantziaz, aurreiritzirik gabe begira diezaietela. Jakintzaren fakultateetan lekua egiten badugu eta horrekin gominadunen batengan eragin, ni konforme. Idatzizkoaren kulturan guztiz barneratuta gaudenez, ez gara konturatzen ahozkotasuna esentzia dela, kultura guztien ama, uteroa. Bertsolaritzak edo repentismoak ez du behar akademikoek emandako prestigioa, baina akademikoak beraiek prestigiotzen dira gugana hurbiltzean. Los Pimienta izeneko proiektu poetiko-musikala ere martxan duzu, nolakoa da? Proiekturik gertukoena dut, familiakoa delako. Emaztea, seme-alabak, ilobak eta arrebak daude nirekin. Kubako repentismoa agertokira eramatea da gure helburua, antzerkiarekin, poesia idatziarekin eta musikarekin uztartuta. Repentismora hurbiltzeko beste modu bat da, familia barrutik abiatu eta proiekzio eszeniko abangoardistaraino. Fusio eta esperimentaziorako gogo horretan, Kuba eta Euskal Herria bide berean doazela dirudi. "Repentismoa eta bertsolaritza dira ahozko inprobisazio tradizionalaren abangoardiak. Ez dira besteak baino hobeak, baina tradizioa XXI. mendera egokitzea ezinbestekoa da" Kubako repentismoa eta Euskal Herriko bertsolaritza dira ahozko inprobisazio tradizionalaren abangoardiak XXI. mendean. Gainerakoen aurretik doazela esango nuke, beste tradizio batzuek falta duten garapen espezifikoa izan dutelako. Ez dira besteak baino hobeak, baina tradizioa XXI. mendera egokitzea ezinbestekoa da, publiko berrietara heldu eta ateak zabaltzeko. Bertsolaritzan urteak daramatzazue horretan, baita guk Kubako repentismoan ere. Asko ikasi dugu euskaldunengandik, eta euskaldunek kubatarrongandik. Kontatu didatenez, telebistan bertsolaritza ematearen ideia Kubatik hartu zuten, guk badugu repentismoari buruzko saio bat 60 urte daramatzana etenik gabe emititzen. Repentismoak harreman handia izan du telebistarekin eta irratiarekin eta, 1990eko hamarkadan bertsolaritzan zebiltzanek, Egañak, Sarasuak, Joxerra Garziak eta abarrek, potentzialitate hori ikusi zuten. Bestetik, Kuban nik bultzatutako repentismo eskolak Euskal Herriko esperientzia ezagutu eta gero jaio ziren. Elkarreragina dago bi herrien artean.
news
argia-5f2f10aa5cf9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/eleberri-giristinoa-eta-gehiago.html
Eleberri giristinoa (eta gehiago)
Aritz Galarraga
2018-01-21
Eleberri giristinoa (eta gehiago) Yon Etxaide, adinez 36ko gerrarekin zerikusirik izan ez zuen Hegoaldeko lehen idazlea, Mendiguren-Izagirre tandemaren arabera: obra guztizkoa nobela bat izan zuen, Joanak joan , eleberri luze, dotore, mamitsua; bete-beteko nobela, ordura arte euskal nobelak eskas izandako zerbait.1955ean argitaratu zen lehen aldiz, baina arazoa: 1986ko argitalpena, hirugarrena, da eskuragarri daukaguna. Eta aldaketak izan ziren tartean. Zein, zenbat? Zail da jakiten. Autoreari berari kasu eginez gero, garrantzitsuenak dira ponte-izenen ingurukoak (irakur gibel azalpena). Bigarren izen bat, Pierre Topet, a.k.a. Etxahun, "bera baitugu elaberri honen ardatz, eta bere inguruan dabilzkigu itzuli-mitzulika gainerantzeko pertsonaiak, gurdia martxan jartzeko ardatzaren gurpilak bailiren". Ez puntulari, bai zirtolari, Etxaideren arabera "ederzale bertsogintzan". Betiere fikzioaren eremuetan: "Alegia, elaberri honetako pertsonaiak, asmatuak ez direnean, ez direla hezur-haragizko berberak, haien irudiak baizik". Are: "Istorio horiek zinez al dira historia? Parte haundi bat, oinarrizkoa, izan daiteke, baino beste parte haundi bat ezetz esango nuke". Asmoa baitzen tesidun nobela bat egitea: "Egiazko erlisioaren sustraia, erroa eta funtsa maitasuna dela adieraztea". Primeran. Eleberri giristino bat, beraz, liburuaren barne-azalak gaztigatzen digun gisara. Eta gehiago: lan koaderno bat tarteka, work in progress bat. Kolpetik, Haritxabalet jaun apezaren biografiatxo bat aurkituko baitugu. Etxahunen gudaritzaren aitzakian, Napoleonen gorabeherak. Derrepente, esango baitu: "Topetia baserriaz, honela dio Pierre Lhandek". Eta Zintzarrotsak, Tobera-munstrak, Astolasterrak aipatuta, hasiko baita horiek zer diren luze esplikatzen. Kontziente izateraino: "Sobera saihestu gaituzu gure elaberriaren haritik". Gehi halako klase kontzientzia bat: "Bizitza zaila eta garratza baita batzurentzat, besterentzat errexa eta goxoa izan dadin". Gehi halako genero kontzientzia bat: "Ez dezake, bestalde, gizonak emaztea menpera, bizi-laguntzat eduki baino, bere eskubide guztien jabe oparo eginaz". Eleberri luze, dotore, mamitsua; bete-beteko nobela, ordura arte euskal nobelak eskas izandako zerbait. Oraindik ere eleberri kostunbrista, mundu modernoa konkistatzeke duena, baina, nahi gabe bada ere, eleberri postmodernoaren urrin batzuk askatzen dituena.
news
argia-516bcf44f628
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/aitor-etxeandia-sagarlan.html
"Ezinbestekoa da sagastietan makinekin lan egin ahal izatea"
Jon Torner Zabala
2018-01-21
"Ezinbestekoa da sagastietan makinekin lan egin ahal izatea" Sagardo Forum jardunaldietan "Sagarrondoaren egoera Euskal Herrian" hitzaldia eman du Sagarlan aholkularitza-enpresako teknikari Aitor Etxeandiak. Hurrengo egunean aurrez-aurre elkartu gara berarekin, Hernaniko solasaldian esandakoez gehiago sakondu aldera. "Zuekin hitz egin eta gero sagasti bat begiratzera noa, lurra-eta zer moduzkoak diren ikustera", kontatu digu. "Sagarrondo asko ari dira landatzen lehen ganaduarentzat ziren larreetan edota pinuek libre utzitakoetan. Traktorearekin aritzeko hobeak dira, eta hori funtsezkoa da belaunaldi berriak laborantzara lotzeko". Hainbat datu emanez hasi zuen hitzaldia Etxeandiak, eta hala egingo dugu guk ere. Sagarrondo-plantazioek azalera txikia hartzen dute Euskal Herrian. Sagastien %35ak 2 eta 10 hektarea artean eta %22ak 1-2 hektarea dituzte. Soilik %4ak du 10 hektarea baino gehiago. Plantazioak tradizionalak edo intentsiboak diren, hektarea bakoitzeko zuhaitz kopurua arras desberdina izango da. Tradizionaletan (baso-forman landuak; arbolek leku gehiago hartzen dute) 150-200 sagarrondo daude hektarea bakoitzean, eta intentsiboetan (erdiko ardatza) 650-700 egon daitezke. Geroz eta nekazari gehiago dira intentsiboaren alde egiten dutenak, besteren artean mekanizazioa nabarmen erraztu eta ekoizpen-ahalmena handitzen duelako. Sagasti tradizional ugari "libre" geratutako lur-sailetan landatu zirela azaldu digu: "Baratzea lehenengo, animalientzako larreak gero… gaur egun, ordea, abelburuak murriztean-eta, sagarrondoak leku hobean jartzen dira". Horrek eragin du traktore eta gainerako makinekin lan egiteko aukera handitzea. "Erreleboa" bermatu aldera garrantzitsua da hori: "Sagastian traktorearekin aritzerik ez badago, geroz eta lan gutxiago egingo da bertan. Batzuetan nahikoa da sagarrondoen azpialdeko adarrak moztea, zuhaitz artetik traktorean eserita pasa ahal izateko". Hala egin duten zenbait baserritarrek mimo handiagoz zaintzen dituzte sagastiak, Etxeandiak dioenez. Traktorearen arerioetako bat pendiza da; hori da gurean oztopo handienetakoa, Sagarlan enpresako teknikariaren hitzetan: "Sagarrondoen %42 dago %25 baino pendiz handiagoa daukaten lur-sailetan, eta aintzat hartuta %20tik gorako malda duten lekuetan –iparraldera begira dauden magaletan bederen– traktorearekin ibiltzea arriskutsua dela…". Lurra bustia baldin badago, gainera, %15eko pendiza ere arriskutsua gerta daiteke. Eguteran dauden lekuetan aldiz, posible da %25-27ko aldapetan lan egitea, lehorra egonez gero betiere. Klimaren menpe Laborarientzat baina, maiz ez da bideragarria makineria berria erostea, txikiak baitira lur-sailak, eta izugarri luzea inbertsioari buelta emateko beharko luketen denbora. Posible da makinak hainbaten artean erostea, baina bada arazo bat: "Guztiek une berean egin nahi dute lan bera; eguraldiak, euriak, markatzen ditu denborak gurean, eta haren menpe daude lan bat edo beste egiteko". Euriak, baita hotz-beroak ere; eguzkiaren epeltasuna funtsezkoa dute sagarrondoek. Kostako eta barnealdeko klimak sagar kalitateari eragiten ote dion galdetuta, aldea gehiago kopuruan dagoela erantzun digu Etxeandiak. "Kostaldean –Gipuzkoaren kasuan itsasotik Aduna ingurura bitartean– sagar gehiago ateratzen da beti". Herrialdez herrialde begiratuta, sagarrondo kopuruan alde handia dago Gipuzkoa eta gainerakoen artean. 40 hektarea daude Araban, 80 Bizkaian, 90 Ipar Euskal Herrian, 100 Nafarroan eta 1.165 Gipuzkoan, sagardo tradizio handiena dagoen lekuan. "Duela 35 urte sagarrondoak berreskuratzeko lanean hasi ginen, Gipuzkoan bereziki; 800 hektarea landatu ziren bertan", azaldu digu Etxeandiak. Egun, haize berriak sumatzen dira, sagardoa eta sagarrondoak sustatzeko borondatea. Edariari "prestigioa" emateaz mintzo dira instituzioak. "Hitza hori ote den ez dakit", dio Sagarlaneko teknikariak. "Egia da sektoreko eragileak ahalegin bat egiten ari direla, baina harago joan behar dugu. Prezioari dagokionez merkea izaten jarraitzen du; errekonozimendu handiagoa behar du, eta hori lotua dago kalitatearekin, produktua edonon defendatu nahi badugu". Fraisoro laborategiaren lana inportantea da zentzu horretan, baita Euskal Sagardoa jatorri-deitura berria ere, bereizgarritzat dituena %100 bertako sagarrarekin egina egon eta "kalitate bermea" izatea. Bertako sagarra baliatzeak ahalbidetzen du, esaterako, egun batean jaso eta biharamunean bertan zanpatzea eta, hartara, hartzidura-prozesuan edota elaborazioan sor daitezkeen arazoak errazago saihestea. Dena den, gurean ekoizten den sagardo guztia ezin daitekeela bertako sagarrarekin egin azaldu digu Etxeandiak: "Sagarrondoek ale gehiago eman ditzakete, berriak landatuko dira… baina sagarren parte handi bat kanpotik ekarri beharko dugu oraindik ere, Asturias, Galizia edo Normandiatik". Fitoplasma kezka iturri Baserritarrak gehien kezkatzen dituena, su-gorrinaz gain, fitoplasmak (parasito mikroskopikoak) direla azaldu digu Etxeandiak, zuhaitza pixkana izorratu eta sagarrari behar bezala hazten uzten ez diotelako, beste ondorio batzuen artean. "Mahaiko sagarraren kasuan arbolak moztu daitezke, baina sagardotarako zuhaitzetan… ia ezer gabe geratuko ginateke". Fitoplasma saihestu edo borrokatzeko bideak dira landare osasuntsuak erabiltzea eta, mahaiko sagarraren kasuan, gaixotasuna hedatzen duen xomorroaren (zikadela) aurka intsektizida erabiltzea. Sagardo-sagarraren kasuan, baina, ez da haren aurkako intsektizidarik erabiltzen, ez bada zorrien edo sagar-harraren (karpokapsa) kontrakoa.
news
argia-629d13f1af03
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2583/lehen-pausoa.html
Lehen pausoa
Xabier Mendiguren Elizegi
2018-01-21
Lehen pausoa Eusko Jaurlaritzaren eskariz eta Paco Etxeberriak gidatuta aditu talde batek egin duen torturari buruzko txostena, aspaldi egin beharreko urratsa zen, eta askorentzat berandu iritsi arren ongi etorria, zalantzarik gabe. Hala ere, gauzak ondo egingo badira, beste pauso askoren arteko lehena izan beharko luke honek, eta ez, itxura guztien arabera, egin nahi dutela ematen duena: arlo honekiko zorra kitatuta dagoela esan, eta tiradera baten barrenean utzi, betiko ahaztuta. Beste pauso askoren arteko lehena izan behar lukeela esaten dudanean ez nabil abstrakzio teorikoetan, ekintza zehatzak proposatzen baizik: lehenik eta behin, torturaren biktima izan diren guztiei kalteordain moral eta ekonomikoak eskaini beharko litzaizkieke; arreta mediko eta psikologikoa, behar eta eskatzen dutenei; barka eske pribatu eta publikoak; esker emate eta aitortzak. Hori hasteko. Berehala, baina, tortura bidez lorturiko salaketak edo autoerruduntzeak izan dituzten prozesu judizial guztien errebisioa egin beharko litzateke eta, behar denean, baita zigorren etetea ere, eta bidegabeki betetako zigorren kasuan (zenbat ote!) gutxienez desenkusak eta kalteordainak. Horrekin batera, aldaketa legal eta administratiboak egin beharko lirateke berehala, tortura kasu gehiago gerta ez dadin: atxilotuen inkomunikazioa kenduz, atxiloaldia grabatuz eta adituek eman ohi dituzten gainerako aholkuak betez. Torturatzaile sadiko zehatzak nor izan diren beti jakiterik ez balego ere, bila ditzagun haien lankide izan diren era guztietako estaltzaileak, eta jarduera hori babestu duten arduradun politikoak Eta, aurrekoez gainera, urteotan izan diren tortura kasu horiek ikertu beharko lirateke benetan eta haien errudunak bilatu; egile zuzenak nor diren ez dagoela jakiterik esango du baten batek; jakina, horrelaxe antolatua egon delako dena, tortura ez zedin izan salbuespena baizik eta praktika orokor eta sistematikoa; baina, torturatzaile sadiko zehatzak nor izan diren beti jakiterik ez balego ere, bila ditzagun haien lankide izan diren era guztietako estaltzaileak, eta jarduera hori baimendu, bideratu eta babestu duten arduradun politikoak, eta ezikusia egin duten administrazio judizialeko epaile, fiskal, mediku… Torturak gutxietsi, ukatu edo ezkutatu dituzten kazetari, intelektual eta komunikabideekin zer egin behar litzatekeen ez dakit zehazki, baina bai behintzat haien erru-zatia aipatu eta nabarmendu. Hori dena, edo hori behintzat. Gutxienekoa iruditzen zait, tortura ilegala eta arbuiagarria eta nazkagarria eta inoiz gertatu behar ez zuen zerbait dela onartzen badugu. Eta eskatzen dudan hori utopikoa edo desegokia edo ezinezkoa dela uste baduzu, atera zuk zeuk horren ondorioak.
news
argia-5b42b8dbfb46
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/irakurleak-galdezka-lizarrak.html
Irakurleak galdezka: lizarrak
Jakoba Errekondo
2015-10-11
Irakurleak galdezka: lizarrak Kaixo Jakoba. Etxe pareko lizarrak nahi baino gehiago ari dira hazten goraka eta mozteko garai ona zein den jakin nahi nuke. Eskerrik asko. Beñat Otegi (Itsasondo). Kaixo Beñat. Lizarra mozteko sasoi onena udaberria da. Izerdi berria indarrean dakar eta zuk egingo dizkiozun zauri horiek di-da batean orbaindu eta itxiko ditu. Horretarako sasoiaz gain zauriak edo ebakiak ondo egitea ere garrantzitsua da. Nik otsaileko ilbeheran edo martxokoan egingo nuke lan hori. Beste aukerarik ez baduzu eta garai horretan ezin baduzu egin, apirileko edo maiatzeko ilbeheran egin.
news
argia-0723b9f4bac8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/amale-arzelus-hil-da.html
Amale Arzelus hil da
Onintza Irureta Azkune
2015-10-11
Amale Arzelus hil da 1932ko martxoaren 2a. Ander Arzelusek eta Joseba Zubimendik Donostiako Unión Radio irratian euskarazko lehen irratsaioa egin zuten. Aitak alaba eraman zuen eta zortzi urteko neskatoa aitak idatzitako bakarrizketak, antzezlanak eta hitzaldiak esaten hasi zen. Euskararekiko konpromisoari bizitza guztian heldu zion. Irratian esatari izateaz gain, Poxpolina taldearekin antzerkian ibili zen. Euskarazaintzako kidea zen, eta Elvira Zipitriaren garaian andereño aritu zen Donostian. Helduei euskara irakasten ere jardun zuen, aitak sortutako euskara irakasteko metodoa lagun zuela.
news
argia-57b7e4588d17
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/egun-bat-itsasoan.html
Hondartza hustu arte
Xabier Etxaniz Erle
2015-10-11
Hondartza hustu arte Paula Carbonell::Egun bat itsasoan Irudiak::Marjorie Pourchet Itzulpena::A. Goikoetxea Fragatina, 2015 Fragatina Huescan sorturiko argitaletxe nahiko berria dugu, eta azken urte hauetan poliki-poliki hasi da bere liburuetako batzuk euskaraz ere plazaratzen. Egun bat itsasoan da azkenetako bat; album askoren itzultzaile dugun Arkaitz Goikoetxeak testuaren poetikotasuna euskarara ederki ekarri du. Liburuko izenburuak dioen bezala itsasoan eguna pasatzera doazen ama-alabaren kontakizuna azaltzen zaigu orrietan; eta aurretik aipaturiko tonu poetikoa lehen esalditik bertatik nabarituko dugu: "Egunsentiak presarik gabe eman du pausoa, gatzez bete dut esku osoa, itsasoa". Albumetan ohikoa den moduan testuak dioenaz gain irudiak informazio ugari eskaintzen digu eta Marjorie Pourcheten lehenengo ilustrazioan bertan hondartzan ama eserita, alabarekin eginiko hareazko gaztelua, neskatxa korrika eta ohiko paisaia ikus ditzakegu (arrantzalea, kaioak…); irudien tonuak eta koloreak errealitatearen eta fantasiaren arteko giro batera eramaten gaituzte. Eta mundu horretan, egiazko eta irudimenezko munduetan murgildurik igaroko ditugu liburuko orriak. Mariaren ama dugu narratzailea, eta alabak bizi izandako esperientziaz ari zaigu, nola aurkitu duen mezu bat botilan, mezuaren atzetik beste pista batzuei jarraitu dien eta… "Laguntza premian nago", irakurtzen dugu, "itxileku honetan, ezin dut gehiago! Maria hurbildu da arrokaren ingurura eta… –Laguntza, laguntza!" Mariaren bidaia harrapaturik dagoen sirenatxo bat aurkitzean amaitzen da. "–Arrantzale baten sarean gelditu nintzen harrapatuta. Leize honetan utzi ninduen preso sartuta. Lurrinak ekarri zizkidan botila hauetan eta jateko goxoa, eta lepokoa perlaz egindakoa. Lagundu, eta zuretzat dena". Hitz horiek esaten dizkio sirenak Mariari; honek, baina, ez du ezer behar, sirena aske uztea, libre ikustea, nahikoa baitzaio. Ikusi den bezala, zuzeneko kontakizuna eta narratzailearena tartekatzen dira istorioan zehar; irudien presentzia handiak eta hauek transmititzen duten informazioak erraztu egiten dituzte narrazioan egon zitezkeen arazoak; estiloagatik eta narrazioaren tonu poetikoagatik. Izan ere, irakurle txikia behin eta berriro buelta daiteke istorio honetara berrirakurketa aberatsagoak izateko, istorioaren inguruko detaileak eta zehaztasun txiki berriak aurkitzen joateko. Azken orrira heltzean, gainera, ama-alabak etxerantz doaz, "Arratsaldea badoa, olatuak, kresala. Eguzkia etzan da lotarako bezala. Hareaz beteta noa. Oraina ezkutura doa. Hartu dut nire neskatxa" esaten digu amak; eta ondoren: "Hustu da hondartza". Eta bukatu liburua. Eta gu, lehen orrira bueltatu gara.
news
argia-7d73f39543c1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/emakume-azkarrek-atzera-begiratzen-dute.html
Emakume azkarrek atzera begiratzen dute
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-10-11
Emakume azkarrek atzera begiratzen dute Indianapolis (AEB), 1911. Ray Rannoun pilotuak ia dena prest zuen Indianapoliseko 500 milietako lehen lasterketan parte hartzeko. Garai hartan, pilotuaz gain, autoetan mekanikari bat joan ohi zen aurkariei adi egiteko. Eta horixe falta zuen Rannounek. Horregatik, Liztor ezizeneko Marmon markako auto horiari oinarri bat jarri zion aurreko aldean, eta hari helduta, ispilu bat. Hala, nahi gabe, egun ibilgailuetan ezinbestekoa den atzerako ispilua asmatu omen zuen; hala esan izan dute, behintzat, iturri gehienek. Anne de Montemart-Rochechouart (1847-1933), Uzésko dukesa, lehen emakumea izan zen Frantzian gida-baimena lortzen. 1897an atera zuen, 50 urte zituela, eta hurrengo urtean beste marka bat hautsi zuen: Parisen, Bois de Boulognen, gehiegizko abiaduragatik isuna jarri zioten lehen pertsona izan zen, 12 km/h-ko abiadura muga zeukan eremuan 15 km/h-ko abiadura eroan zirkulatzen harrapatu zutelako. Horrek ez du esan nahi segurtasunaz arduratzen ez zenik: 1910ean, Indianapoliseko lehen Grand Prix hura baino urtebete lehenago, atzera begiratzeko ispilu bat jarri zion Delahaye markako auto kuttunari. Ez dakigu ideia berari bururatu zitzaion ala Dorothy Levitt ingelesaren aholkuari jarraitu zion. Dorothy Elizabeth Levitti (1882-1922) munduko neskarik azkarrena esaten zioten; uretan, lehorrean nahiz airean irabazi zuen titulua. Auto lasterketak irabazi zituen lehen emakumea izan zen, eta 1906an emakumezkoen munduko abiadura errekorra 146,25 km/h-tan jarri zuen. Txalupa motordunean 31 km/h-ko marka lortu zuen, baita hainbat estropada irabazi ere. Eta hegazkinak gidatzeko lizentzia ateratzen ere saiatu zen, azkenean helburua lortu zuen ez dakigun arren. 1909an, The Woman and the Car: A chatty little handbook for all women who motor or who want to motor (Emakumea eta autoa: gidatzen duten edo gidatu nahi duten emakume guztientzako eskuliburutxoa) argitaratu zuen. Gomendioen artean, zera jaso zuen: "Jarri esku-ispilu bat toki egokian, beste autoen artean gidatzean atzera begiratzeko". Bai, 1909an kaleratu zuen liburuxka, gizonezko batek ezustean atzerako ispilua ofizialki asmatu baino bi urte lehenago.
news
argia-fe3bf0fea30a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/nafarroak-historia-politikorik-bai.html
Nafarroak historia politikorik bai?
Pako Sudupe
2015-10-11
Nafarroak historia politikorik bai? Bazen garaia: Rodezno Kondearen plaza ez, baizik eta Serapio Espartzaren plaza izango da aurrerantzean. Hango kriptan dira oraindik Euskal Herrian kamino-bazterretan fusilaturiko sei mila ingururen erantzule nagusiaren,–Bilbo suntsitu nahi zuen nonbait Molak, baina jeneral alemanari gehitxo iruditu eta Gernikarekin kontentatu!–, eta José Sanjurjo Espainiako II. Errepublikaren aurkako jeneral kolpistaren gorpuzkiak. Barne-turismoa eginez, Iruñeko Nafarroako Museoan sartu-irten bat egin dugu. Ez dut esango Nafarroa Garaiaren eta Beherearen historia politikoaren bilakaera bertan islatua ikustea espero nuenik margolan eta gainerako arte-euskarrietan, baina esperantza txikiren bat banuen halere, handik edo hemendik Nafarroaren historia politikoaren arrastorik aurkituko nuela. Noizkoa? Erresuma independente izan zeneko zazpi mendeetako aztarnaren bat; haren galeran izandako guduena, agian, edota han edo hemen zirtaturik XIX. mendeko karlistaldiei buruzkoren bat, haiek lurraldean hainbesteko garrantzia izan zutela gogoan harturik; ez, ez nuen egia esan, espero Raimundo Garcia Diario de Navarra-ren zuzendari famatuak Emilio Mola jeneralaren esaneko zintzo eta leial, Sanjurjo jeneral eta beste hainbat matxinada zale tarteko –Martinez Berasain, Baleztena anaiak eta Luis Arellano, errekete nafarren buruzagiak, edota Tomás Dominguez Arevalo, Rodeznoko kondea...–, josi zuten Errepublikaren aurkako konspirazioaren berririk. Ez, ez da horrelakorik Nafarroako Museoan. Erromatar mosaiko, katedraleko kapitel, jaun boteretsuen jauregietatik eskuratutako margolan eta eskulturak, eta hango eta hemengo elizetako artelan aski maiztuak gehienetan, eta museo guztietan bezalatsu, margolan bat gailen, Goya pintoreak San Adrian markesari egindako erretratu ederra... Ezer handirik ez, Espainiako beste edozein hiritan aurki dezakezun lurralde museotatik bereizten duenik! Orreagan, Leiren, Amaiurren eta berriki Sartagudan, badira Nafarroaren historia politikoaren gaineko aztarnak; bibliografia aski zabala bai, azken urteotan nafar ikuspegitik hagitz aberastua, historiazaleen bazka, gutxi batzuen ikasbide, baina horixe, gutxi batzuen hezigarri, baina eskolaumeentzat eta helduentzat prestatutako historia-museo dibulgatiborik? Izen-aldaketa beharrezko bezain itxaropentsuari gure historiaren ezagutzak jarraituko balio, orduan bai aldaketa sakona, izen-aldaketa batere gutxietsi gabe!
news
argia-251d010c867c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/gizarte-ekonomiaz-hausnartzen.html
Gizarte ekonomiaz hausnartzen
Mikel Zurbano
2015-10-11
Gizarte ekonomiaz hausnartzen Euskal Herrian gizarte ekonomiak ibilbide luzea eta esanguratsua du. Jakina da gurean lankidetza ekonomikorako ekimenak ugariak direla ekoizpen eta banaketa eremuan. Zorionez, ezagutzaren arlora ere iristen ari da elkarrekin loturak ehuntzeko oldea. Izan ere, urriaren 15ean eta 16an EHUren Gipuzkoako Campusean Euskal Herriko Unibertsitateen arteko lehen kongresu kooperatiboa garatuko da. Eredu kooperatiboa egungo erronken aurrean goiburua duen topaketak gizarte ekonomian diharduten adituak, irakasleak, eragileak eta interesdunak batuko ditu bestelako ekonomia eraikitzeko estrategien eta ekimenen inguruan hausnartu eta oinarriak ipintzeko. Aspalditik bistaratzen ari garen globalizazioaren ajeak sendaezinak dira. Beroketa globala, genero desberdintasunak, desberdintasun sozialak eta giza bazterkeria hedatzen ari dira nonahi. Ekonomiaren egungo eredu liberalak, muturreko lehia eta merkatu-zaletasuna dakarrena, bistako mugak ditu jende arruntaren beharrei erantzuteko. Europan nozitzen ari garen krisiak erakusten du gaurko ekonomia garapenaren paradigmaren ezintasuna jendearen eta planetaren bidezko etorkizuna bermatzeko. Paradigma ekonomikoaren aldaketaren beharra gero eta ozenago entzuten da, baita arlo akademikoan ere. Ekonomian baloreak berreskuratzea ezinbestekoa da etorkizun iraunkorra eta justiziazkoa nahi badugu. Ekonomian etika berreskuratzeko konpromisoa duten aktore eta jende ugari dago eta horren isla da gizarte ekonomia. Arazoak arazo, batez ere, kooperatibak ditugu ezagun zeregin horretan, baina fundazioak, entitate solidarioak, insertzio sozialerako erakundeak eta bestelako erakunde sozialak mozkinez besteko helburuak nabarmentzen dituzte beren jardueretan. Merkatu globala eta malguaren garaian irauteko, beharrezkoa duten errentagarritasunaren logika eta bokazio soziala uztartzean datza gizarte ekonomiako erakundeentzat bere erronka nagusia. Kongresuko eztabaida eta aztergai nagusia oreka horri nola heldu izango da, hots, egungo kapitalismo globalak dituen mugak aintzat hartuta gizarte ekonomiaren espazio propioa eraikitzeko bidea nola urratu, bestelako ekonomia sortze bidean. Perspektiba anitzetik proposatzen da hausnarketa hori gauzatzea. Ondoko gaien inguruan mamituko da topaketa. Ekonomiaren eta gizarte ekonomiaren arteko erlazioaren ildotik, pertsona gunea izanik, bestelako ekonomia gauzatzeko oinarriak aztertuko dira, eta halaber, krisiak printzipio kooperatiboetan duen eragina. Beste atal batean gizarte ekonomiak politika publikoetan duen presentzia analizatzeko aukera izango da. Merkatua, arlo publikoa eta gizarte ekonomiaren arteko loturetatik abiatuta ekonomia eta gizartea eraldatzeko bidean, publikoaren eta sozialaren zeregina eta posizioa argitzea premiazkoa da. Gizarte ekonomian berrikuntzak duen esanahia ere aztergai izango da. Jakina, berrikuntza sozialaren bidea hobesten da, zentzu komunitario batez hornitu eta perspektiba sozialaren garrantzia berrikuntza prozesuetan ere txertatzen dela azpimarratuko da hemen. Gainera, enpresa sektoreen eta entitateen nazioartekotze prozesuan interkooperazioak duen garrantzia ere jomuga analitikoan izango da. Finean, gizarte ekonomiaren inguruko hausnarketa ekonomiaren trantsizioa irudikatzeko tresna gehigarria da, etorkizuneko gizartea eta ekonomia eraikitzeko ezinbesteko hazia.
news
argia-42b0f707f874
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/uemak-zuzendaritza-berria.html
UEMAk zuzendaritza berria
Onintza Irureta Azkune
2015-10-11
UEMAk zuzendaritza berria Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak kide berriak aukeratu ditu. Zazpi EH Bildukoak izango dira, hiru EAJkoak eta bat udal talde independenteetakoa. Josu Labaka Azpeitiko Udaleko zinegotzia izango da lehendakaria, EH Bildukoa. Lehendakariorde lanetan arituko da berriz, Gatikako EAJko zinegotzi Onintze Amezaga. Ondokoek osatu dute zuzendaritza: Josu Labaka, Lierni Altuna (Aramaio), Mikel Ansotegi (Aulesti), Maider Arrieta (Lesaka), Amaia Azkue (Berastegi), Andere Enbeita (Muxika), Eneka Maiz (Etxarri Aranatz), Onintze Amezaga, Jexux Arana (Zarautz), Josetxo Mendizabal (Zestoa) eta Manuel Labaka (Beizama). Hiru udal kideren etorkizuna dago zalantzan. Azken hauteskundeetan EAJk alkatetza hartu du Tolosan eta Lekeition. Ez dute erabaki UEMAn segi ala ez. Geroa Baik gobernatzen duen Lesaka ere zalantza da, nahiz eta ordezkaria bidali duen.
news
argia-778622558f17
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/baztanen-xarma-berreskuratuko-du-baso-komunalak.html
Baztanen xarma berreskuratuko du baso komunalak
Estitxu Eizagirre
2015-10-11
Baztanen xarma berreskuratuko du baso komunalak Urriaren 18an Baztanen ospatuko da Nafarroa Oinez. "Hama... bortz, ama... bat" du aldarri, Nafarroako 15 ikastolek eta Baztango 15 herriek euskara dutela ama adierazten duena. Jai handi hauek sortzen dituzten kalte ekologikoak orekatzeko eta ikastolari laguntzeko Oinez Basoa proiektuari heldu dio Baztanek ere. Bi zuhaitz mota berezi berreskuratuko ditu baso komunalak: xarma eta loroa. 2010ean landatu zen lehen Oinez Basoa Arbizun, eta neguan (urtarril-otsailean) Baztanen landatuko dutena dagoeneko bosgarren Oinez Basoa izango da. Proiektu bakoitza bere berezitasunak lantzen saiatzen da eta Baztango Oinez Basoaren ezaugarrietako bat da lur komunaletan landatuko dela. Manolo Lizardi Baztango Oinez Basoko lantaldeko kideak azaldu digunez, "Baztan da Euskal Herriko udal zabalena eta eremu horren %80tik goiti komunala da. Horrek erran nahi du baztandar guztiena dela eta lur horien ardura eramaten duena Batzar Nagusia dela. Baso komunalak etekinak ematen baditu, horiek denendako dira, ez partikular batendako. Batzar Orokorrak ikusten du zertan erabili etekina, baina aunitzetan izaten da birlandatzeko, bideak garbitzeko eta hainbertze gauza egiteko". Duela hilabete batzuk, Baztango Batzar Nagusiari tratua proposatu zion Baztango ikastolak: "Orain dela urte pasa, Udalak pinudi bat atera zuen. Udalak badu betebehar bat, ebakuntza hori egiten delarik bost urteren buru derrigor eremu hori birlandatu egin behar du. Aski toki egokia denez gure proiekturako, eremua guk birlandatzea proposatu genion". Udalak bi partzela kozkor utzi dizkie, bien artean 9 hektarea inguru osatzen dute. "Gure asmoa da zuhaitzez bi partzela horiek osorik betetzea" azaldu du Lizardik. Aitortzen du ez dela erronka makala izango: "8.000 inguru zuhaitz sartzen ahal dira. Baztanen 8.000 lagun inguru gara eta 'baztandar bat zuhaitz bat' landatzera iritsi nahi dugu". Baso komunala izango dela azpimarratu du "Guk landaketa eginen dugu eta behin hori bukatuta, baztandar guztiendako geratuko da. Landatu bakarrik ez, zaindu ere egingo dugu, batez ere lehen bortz urteetan, landarea indartsu etor dadin: garbiketa, zainketa, itxiturak konpontzea...". Erramu portugaldarra edo loroa eta karpea edo xarma Bi zuhaitz mota berezi landatuko ditu Baztango Oinez Basoak. Batetik, karpea, xarma edo pago-lizarra (carpinus betulus), Iberiar Penintsula osoan kopuru esanguratsu batean Bortzirietan soilik aurki daiteke, Arantzako mugan eta Igantziko herri lurretan dagoen San Juan Xar baselizaren inguruan eta Bidasoa ibairako pendizetan. Orain dela 150.000 urte baino gehiago, Behe Paleolitoan, ugaria genuen Euskal Herriko basoetan. Eta arras estimatua. Bere egurra zen preziatua, sutarako bezala egurretarako. Egun Europan bada, baina Pirinioetatik behera hor bakarrik geratu da. Horregatik da, gainera, San Juan Xar erreserba naturala. Bestetik, loroa edo erramu portugaldarra (prunus lusitanica). Hau badago Iberiar Penintsulan, baina Nafarroan eta kopuru dezente batean Baztango txoko batean bakarrik aurkituko duzu: Aritzakungo bailaran. Bi zuhaitz horiek ez dituzte ausaz hautatu: "'Txikiak handi' da Nafarroa Oinezen filosofia, euskara ere munduan hizkuntza txikia delako, baina handi egin nahi duguna. Zuhaitzekin gauza bera, bi zuhaitzok jendeak ez ditu ezagutu ere egiten, eta hemen daukagun altxor bat dira. Ardura hartu behar dugu altxor hori zaintzeko eta espezie horiek bizkortzeko". Zu ere egin zaitezke basoaren partaide Duela urtebete landu zuten ideia, eta orain babesleak bilatzen ari dira. Orain arteko bidearekin pozik da Lizardi: "Enpresek eta erakundeek ongi erantzun dute eta beraz, oinarri bat dagoeneko ziurtatuta daukagu. Baina basoa handia eta ederra izan dadin, herritarren garaia da orain". Nafarroa Oinez egunera arte dute ekarpenak jasotzeko epea. Internetez erraz jar dezakezu zure alea, nafarroaoinez.eus edo oinezbasoa.eus webguneetan. Jasotzen duten babesak esango du zenbat zuhaitz landatuko diren. Zazpi laguneko lantaldea ari da Baztango Oinez Basoa aurrera ateratzen, eta tartean bada basozain eta eskarmentudun jenderik. Bertako loroaren hazia biltzen saiatu direla kontatu digu Lizardik "baina aurten ez du asko eman eta haztegietatik ekarri beharko dugu". Urriaren 18an, basoak basorat Nafarroa Oinez egunean plastikozko edalontziak erabiltzen dira. Aurten ere Basoak basorat ekimenarekin berrerabilpena bultzatuko dute. "Lau puntu jarriko ditugu, eta jendeak edalontzia bota beharrean puntu horietako batean uzten badu, bi helburu lortuko dira: edalontzi horiek berrerabiltzea, eta edalontzi horren kostua aurrezten dugunez, diru hori Baztango Oinez Basora joatea. Beraz, baso horiek ekarriko dute zuhaitz gehiago landatzea". Baztango festan basoa eskuan bazabiltza, segituan ezagutuko dituzu bilketa puntuak, adarrez betetako baso bat irudikatuko baitute. Gure basoa izan dadila adar horietako hosto.
news
argia-ea50b1d2e480
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/armairutik-ateratzen.html
Armairutik ateratzen
Aingeru Epaltza
2015-10-11
Armairutik ateratzen Lankideak kafe orduan mintzo. Halakori euskaraz egin dio betidanik erdalduntzat jotakoak. Horrelakori euskaraz erantzun diote ez dakit nongo enpresan edo badakit nongo dendan. Honelakori leihatilaren gibelean "adios" agurtzen zuenak "agur" edo "adio" egin dio bat-batean. Nik ere badut zer kontatua. Lehengo asteburuan, fabore eske joan nintzaion herrian dugun etxearen ondoko auzoari. Atsegina da, baina gutitan jotzen dut harengana. Euskalduna da. Euskaraz egiten du seme-alabekin. Hala ere nirekin, auskalo zergatik, erdarara egiten du ihes, mintzatzen natzaion aldiro. Lehengo egunean, euskaraz ihardetsi zidan lehen aldiz 12 urtean. Eta mikrotik makroagora. Joan den astean eman ziren aditzera Iruñeko Hizkuntza Eskolako aurre-matrikulazio datuak. Prentsako titularrei kasu egitera, aurten ere ez du etenik izan 2012tik hona matrikuletan urtez urte sumatzen den beherakadak. Ingelesa, beheiti. Frantsesa, beheiti. Orobat beheiti alemana edo italiera. Salbuespen bakarra, euskara. Ikastetxe horretan euskarazko matrikulazioek goiti egin dute lehen aldiz hainbat urtetan. Eskoletako hurrengo matrikulazio kanpainan gertatuko denari begira jarria da bat baino gehiago. Ez bakarrik D ereduen gorakada ikusi nahi dutenen artean. Zirtzilkeriak, beharbada, iraultza aztarrenik ez dakartzatenak. Adierazgarriak, ordea. Belarria erne eta gogoa belztu gabe duen nafar euskaldunari antzeko pasadizoak aditzen zaizkio azken hilabeteetatik hona, batez ere Iruñerrian bizi bada. Mirari tiki horiek ez dira hutsetik heldu. Maiatzaren 16ko hauteskundeetako emaitzen lurrikararen errepika xumeak. Aspaldi errana da: haizeak nora gogoak hara. Eta haize berria dabil aspaldi honetan behialako erresuman. Nafarroan, jende mota bat, lotsak, beldurrak, axolagabekeriak edo erosokeriak bultzatuta, armairuan sarturik egon da, urte aunitzetan, euskaltasunari edo euskaltzaletasunari dagokionez. Jende hori armairutik ateratzen ari da orain, haizeak alde jotzen duenean. "Aldaketa non da?" galdegin izan duenik bada jadanik bazterretan. Hori, Uxue Barkosek lehendakari bi hilabete egin gabe. Jende presatia, inondik ere. Oraino ez dira etorri gure ametsetako dekretu edo lege berriak. Horiek ere beharko ditugu. Bitartean, dekretu eta lege berririk gabe, aldaketa gertatzen ari da Nafarroan.
news
argia-04c375a5f7ef
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/instituzioaren-behar-gorria.html
Instituzioaren behar gorria
Mikel Asurmendi
2015-10-11
Instituzioaren behar gorria Ipar Euskal Herriko elkargo berria osatzen ari diren eragileak garai erabakigarrian sartu dira. Alta, bost urte beharko dira instituzioa erabat definitzeko. Herri Elkargoaren aukerari Hirigunearen ideia aurreratu zaio udazkenean. Hirigunea Pirinio Atlantikoetako André Durand prefetaren xedea da. Herrietako kontseiluek aukeratu beharko dute urtea amaitu bitartean. Hirigunea eta Herri Elkargoa dira Ipar Euskal Herrirako eratu nahi den instituzioaren azken izenak. Izan ere, instituzio berriaren izena zehaztugabe dago gaur-gaurkoz. Definizio ezak instituzioaren izana eta egitura korapilatsua adierazten du. Herri Elkargoa, besteak beste, Herrien arteko Elkargoa ere deitua da. Halaber, azkeneko hiru urteetan, Bateran biltzen diren gizarte eragileen eskaera Lurralde Erkidegoa izan da, tokikoek Lurralde Kolektibitatea deitua. Iraganean,  euskal instituzioa edo elkargo horiek guztiak, Euskal Departamendua izenez aldarrikatu ziren. Izenak izen, hainbat dira berezko instituzioaren alde lanean ari diren eragileak. Gizarte eragileak Garapen Kontseiluan biltzen dira eta eragile politikoak Hautetsien Kontseiluan. Alderdi politiko guztietan badaude instituzioaren aldeko kideak –alderdi abertzaleetan guztiak–, baina alderdi guztiak ez dira Ipar Euskal Herriari marko instituzionala ematearen aldekoak, frantsesak bereziki. Batera, herritar plataforma, ari da bereziki berezko instituzioaren alde lanean. Departamendutik Lurralde Elkargora: orain Herri Elkargoa da aldarri Euskal instituzioa aldarrikapenaren bilakaera ulertzeko gibelera egin behar dugu, 1999 urtera. Departamenduaren aldeko manifestazio oso handia egin zen Baionan. Deialdiak hautetsi asko bildu zuen lehen aldikoz.  Harrez gero, 2002an, Batera sortu zen. Euskal Departamendua aldarrikatzeaz gain, euskara, unibertsitatea eta Laborantza Ganbararen aldeko berezko egiturak eskatu zituen. Herritar gehienek ongi baino hobeto ulertu zuten zein diren eskaera horiek. 2009an alabaina, Frantzian prozesu berria abiatu zen. Prozesuak Departamenduaren desagerpena ekarri behar zuen. Ondorioz, honen eskumenak eskualdeei (erregioak) pasako zizkielarik. Euskaldunen kasuan, Pirinio Atlantikoetako Departamendua Akitania Erregioan integratuko litzateke. Garai hartan eskuinak gobernatzen zuen Estatuan, egun berriz, ezkerrak. Edonola ere, edozein alderdi boterean dagoela ere, gobernuek prozesua deszentralizazio politikaren barnean kokatu izan dute. Estatuak erreforma honen –deszentralizazioa deituaren– bitartez, Departamenduaren eskumenak erregioen eta herri arteko elkargoen artean banatu eta egokitu nahi ditu. Baterak, Frantziako Gobernuak erregioetarako marko politiko berriak eraiki nahi zituela ikusita, barne gogoeta egin ondoren, Departamenduaren eskaeraren ordez, beste egitura bat aldarrikatzea erabaki zuen. Unea mugarria izan zen: 35.000 pertsonek herri kontsultan parte hartu zuten 2010ean. Baterak Departamendua eskatzetik Lurralde Kolektibitatea eskatzera pasatzeko borroka pedagogiko sakona egin zuen. Oroitu behar da herri kontsultaren antolaketa gaitza. Galdera hauxe izan zen: "Lurralde Kolektibitatearen alde edo kontra zarea?". Batera estatus bereziko instituzio berria aldarrikatzera iragan zen, harrez gero. 2013an, ordea, Jean-Marc Ayrault lehen ministroak hauxe adierazi zuen: "Ez da estatus bereziko instituziorik gehiago sortuko Hexagonoan. Haatik, egungo eskubide publikoan egitura batzuk badaude zuen eskakizunei erantzuteko". Parisek ezezko biribila eman zion estatus bereziko instituzioari, hots, Lurralde Kolektibitateari. Baterari bi aukera geratu zitzaizkion: indar lehian segitzea edo Estatuak eskaintzen dituen aukerak baliatzea. Baterak Herri Elkargoa osatzea du helburu orain. Hala ere, Lurralde Kolektibitatearen xedea ez du baztertu. Azken hiru urteetan Baionako eta Mauleko karriketan milaka jende bildu da xede horretan. Lurralde Kolektibitatea aldarrikatzetik Herri Elkargoa eskatzera pasa dira gizarte eragileak.   Ipar Euskal Herriko Elkargoa, izen hautatua Gobernuak, André Durand prefetaren bidez, bost proposamen hauen artean aukeratzeko eskatu zien hautetsiei: Hirigunea elkargoa, Herri elkargoa, Metropoli poloa, Lurralde oreka edo egungo Pays egitura. Azken hau berehala baztertu zen, zaharkituta baitago.  Gainerakoen artean, Ipar Euskal Herriko Elkargoa da Baterak nahi duena, baita gizarte  eragileek nahi dutena ere. Ipar Euskal Herriko Elkargoa ekimena prefetak iazko ekainean egin zuen proposamenaren ildoan garatzen hasi zen, NOTRE legearen markoan. Lege araudi hori da instituzioari eskumen eta finantza gehien eman diezazkiena. Horixe bera da juristek hautetsiei proposatu ziena. Proposamena herri elkargoetako ordezkariek landu dute orain arte, ordezkariak herrietako hautetsiak direlarik. Hirigunea eta Herri Elkargoaren aukerak nagusitu dira, baina hainbat eztabaida sorrarazi dituzte. Hirigunea delakoaren bidean, legeak eskumen baliagarriak eskaintzen omen ditu. Egungo herri elkargoetatik Herri Elkargoa edo Hiri Elkargora pasatzeko unean, biztanle kopurua "traba" edo "gakoa" da. Antza, legeak bide malguagoak eskaintzen ditu Hirigunea antolatzeko. Beste traba bat Akitania eskualdearen berregituraketa da. 2016tik aitzina, Akitania-Poitu-Charantes-Limosuin eskualde berria izatera pasako da. Euskal Herriko biztanleria –kopuru txikia dela eta– lehen "urtua" bazegoen,  urtuago izanen da erregio berrian. Ipar Euskal Herrirako instituzioaren aldeko ekimena, nolabait ere,  Bordeleko politikari begira dago, eta funtsean, Eskualde berriaren egituraketak baldintzatuta. Legeak Hirigunea egituraren aukera errazten du. Diotenez, Hirigunea eratuz gero, instituzio horrek harreman zuzenagoa izango luke Estatuko administrazioarekin. Uneon, Estatua, Eskualdea eta Departamendua lotzen dituen Lurralde Kontratuaren negoziazioan, Hirigunea sartuko litzateke zuzenean. Herri Elkargoaren kasuan, negoziazioa edo elkarrizketa zailagoa litzateke. Herri Elkargoak lehiatu beharko luke Eskualdeko beste hirigunerekin (beste batzuk ere sortu bailitezke). Badago besterik ere, lehen urtean Hirigunea ekimenak 10 milioi euro jasoko luke finantzatzeko Estatuaren aldetik. Alegia, Herri Elkargoaren nahia herriko etxeetako hautetsiek lehenetsita ere, dirutza hori herriko etxeetako aurrekontuaren %60 da. Beraiek jarri behar al dute? Beraz, Hirigunea edo Herri Elkargoa aukeratzeko orduan, finantzazio moldeak eragina izanen du hautetsien bozetan. Galdera da: Hirigune Elkargoa egokiena al da euskal herritarrentzat? Instituzio berriaren sorrera 2017 urterako aurreikusita dago. Baina, egitura hori ez da bat-batean eskumenez osatuko. Bi urteko trantsizioa beharko da egungo herri elkargo instituzioetatik balizko instituzio berrira iristeko. Hautetsiak aztertzen ari diren prefetaren dokumentuak mailaz mailako egituratzea proposatzen du: beherean herriak daude. Erdian, lurralde antolaketarako egitura publikoak. Goian, Herri Elkargoak agertu beharko luke. Horregatik, hiru maila horien artean, adituek bitarteko juridiko baten beharra ikusten dute. Anartean, onenean ere, Ipar Euskal Herriak ez du beharrezkoa duen instituzioa osatuta ikusiko 2020 urtera arte.     Kostaldearen eta barnealdearen desoreka Egitura instituzional berriak –berezko instituzioa antolatzeak– lurraldearen desoreka demografikoaren arazoa gainditu beharko du gobernagarria izan dadin. Gobernantza, eskumenak eta finantzazioa dira gai nagusiak. Hautetsiek gobernantzari buruz landu behar dituzten proposamenak hauek dira: lehen betebeharra 158 herri egitura bakar batean batzea. Egiturak eraginkorra izan behar du, eta orekatua. Bestela, barnealdeko herri txikiek ez lukete kostaldeko hiri boteretsuen ahalmena. Orain arteko bileren ondoren, juristek hiru instantziako elkargoa proposatu diete hautetsiei, Elkargo kontseiluak, Batzorde iraunkorrak eta Auzapezen biltzarrak kudeatua izanen dena. Elkargo kontseiluak, 232 kidek osatua, botere erabakigarria izango luke. Kontseilu horren gibelean Auzapezen biltzarra legoke, 150 auzapezekin. Halaber, Garapen Kontseilua legoke, hots, gizarte zibilaren ordezkariak. Elkargo kontseilu horren Batzorde iraunkorra litzateke botere betearazlea, presidenteak, hamabost presidenteordek eta 60 kidek osatua. Edonola ere, proposamenaren arabera, Elkargo kontseiluak izango luke hiru kontseilu horien artean erabakitzeko ahalmen handiena. Aurrekontua, esaterako, Kontseilu horrek ebatziko luke. Era berean, arazo demokrafikoa gainditu aldera, Kontseiluko 72 eserlekuak herrien pisu demografikoaren arabera erabakiko lirateke, hau da, hainbat herrien eragina egokituko litzateke euren betebeharretara. Horra berezitasuna. Proposamenak, egungo herrien elkargoak Elkargo bakarrean batu ondoren, hautetsiak herrietatik urrun gelditzeko arriskuaz ohartarazten du. Arazo hori konpondu aldera, Kudeaketa lurraldeak batzordea sortzeko aukera ematen du proposamenak. Egun hamar dira herrien arteko elkargoak, beraz, hamar batzorde lirateke. Alabaina, egungo Elkargoaren mapa hamar lurraldetan banatuta badago ere, praktikan, herrien elkargoak sei lurralde eremuetan ariko lirateke. Lapurdiko lau lurraldetan, eta Baxenabarreko eta Zuberoako lurralde bakarrean. Lehen zereginen artean, "gizarte zibilaren" arazoei erantzun beharko liekete eta Garapen Kontseiluaren bermea  izango lukete. Eskumenak eta zerga sistema dira instituzio berria osatzeko definitu beharko diren sailak. Ipar Euskal Herriko Elkargoa ala Hirugunea? Proposamena bide orri bat baino ez da: Hirigunea ala Herri Elkargoa? Horra galdera. Izan ere, hautetsi gehienen aukera Herri Elkargoa izan daitekeela ikusi denean, suprefetaren nahia nagusitzen ari ote den ustea zabaldu da. Ez da ahaztu behar, iragan uztailean, Angelu, Miarritz, Bidart eta Bokaleko auzapezak, (ACBA / Euskal Kosta-Aturri aglomerazioa), Herri Elkargoaren aurka jarri zirela –Baionako auzapez Jean-René Etchegaray da metropoliko salbuespena–. Ezbairik gabe, auzapez horien jarrerak Hirigunea aukeraren alde egiten lagundu du: "Hirigunea Elkargoak egokitzapenak egiteko aukerak ematen ditu. Horrek zenbait hautetsi lasaituko lituzke", erran du prefetak berriki. Beraz, Herri Elkargoaren aukerari Hirigune bakarraren ideia aurreratu zaio udazkenean. Irailaren 27an, André Durand prefetak aukera horren alde egin du Hautetsien Kontseiluaren Biltzar Nagusian, ehun auzapezei aurkeztu die, Itsasu herrian. Adibiderako, Dijon hiria litzateke nolabait, prefetak proposatzen duen Hirigunea. Borgoinako eskualdearen eta Côte-d'Or departamenduaren hiriburua. Alta, Lurralde edo Herri Erkidegoa badago Frantzian. Korsika izan da instituzio hori erdiesten lehena.
news
argia-71cb7db59081
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/1936ko-krimenak.html
Urbasako hiltegia
Urko Apaolaza Avila
2015-10-11
Urbasako hiltegia Balbino García de Albizuk (Donostia, 1943) urteak daramatza 1936ko Gerran Ameskoan izandako errepresioa ikertzen. Bere aitona hainbat lagunekin hil eta Urbasako Arrasoko leizera bota zuten. Egindako ikerketari esker, aitonaren gorpuzkinak ez ezik, beste zazpirenak identifikatu dituzte, eta garrantzitsuagoa dena: Urbasako beste leize eta amildegietan jazotako sarraskiak argitzeko bidea ireki du. Aurki liburua aterako du hori dena kontatuz. Ameskoan 1936tik aurrera izandako errepresioari buruzko liburuak, atal esplizitu bat ekarriko du: "Urbasako hiltegia". Oroimen historikoan toki berezia gordetzen duen mendizerrako triskantzek argi pixka bat izango dute Balbino García de Albizuren eta berarekin aritu direnen lanari esker. Peritu industrial kimiko honek aspaldi ekin zion "historia txikia" ikertzeari. Aurretik beste lau liburuki kaleratuak ditu Ameskoako iraganaz. Toponimia, euskalkia, elur-zuloak eta festak ikertu izan ditu eta dibulgatzea du helburu orain, "idatzi, idatzi, idatzi!" Jose Migel Barandiaranek eman zion aholkua jarraituz. Industria ataleko zuzendari gisa jarduten zuen enpresa kimikoa utzi eta arbasoen bailarako udalekin kontratua sinatu zuen, soldatarik jaso gabe bertako plan estrategikoa diseinatzeko. García de Albizuk oso ondo ezagutzen ditu Urbasako bazterrak, ez soilik Jose Maria Jimeno Jurio etnografo eta lagunarekin topografia eta kartografia landu zuelako, ezta hango egunsenti eta saiei argazkiak ateratzeko duen zaletasunagatik ere, lotura sakonagoa da: bertan du lurperatuta aitona, hura ere Balbino García de Albizu, 1936an fusilatu zuten Eulateko UGTko militante eta basozaina. García de Albizutarren historia errepresaliatutako familia batena da. Osaba bat II. Errepublikan hil zen kartzelaren ondorioz: 1936ko otsailean Fronte Popularraren amnistiarekin irten zen kalera, baina ordurako tuberkulosiarekin zegoen. Beste osaba bat 1939an hil zen Burgosko kartzelatik atera berritan, hori ere tuberkulosiarekin. Tartean, aitona fusilaturik, izeba bortxatua, eta aita Asturiasen errenditu ostean Condor Legioan zerbitzen preso: "Gernika bonbardatu zutenean aita eta ama, biak bertan zeuden, baina ez zuten elkarren berri izan. Hori dena ez zidaten inoiz kontatu", dio García de Albizuk. Aitari familia birrindu zioten. Nola eraman zuen hori? Gure aitaren erdia orduantxe hil zen. Ez zuen horretaz inoiz gehiago hitz egin. Ezta aitonaren fusilatzeaz ere? Ezta ere. Ezer ez. Eta nola izan zenuen zuk horren berri? Pixkanaka. Nire arreba nagusiak, gerran oso txikia zen arren, bazekien zerbait gehiago. Frantziara exiliatu eta handik Bartzelonara pasa ziren; han ibili zen haur udalekuetan. Nik, aldiz, urte asko igaro nuen zein nintzen ere ez nekiela. Donostian bizi ginen eta ez gindoazen Eulatera. Orain ez naiz harritzen, dakidan guztia jakinda. ********* Aitonaren fusilatzearen kronika itzalez beteta dago. 1936ko irailaren 7an Eulateko udalean inprobisatutako kalabozoan herriko UGTko sei lagun atxilotuta zeudela, apaizak haietako hiruri aitormena hartzeko agindua jaso zuen: Balbino García de Albizu, Gregorio García eta Balbino Bados. "Horrekin garbi zegoen zeini eta zer gertatuko zitzaien 'zerbait'", dio Garcia de Albizuk. Ez dakite iluntzeko zein ordu zehatzetan eraman zituzten Urbasara, antza denez kamionetan. Artzain batzuek tiro hotsak entzun omen zituzten. "Agian dena egon zen argi hasieratik, hilotzak abandonatu zituzten tokia izan ezik, hori geroago jakin zen". 1950eko hamarkadan espeleologo batzuk Arrasoko leizera jaitsi ziren eta hezurrak aurkitu zituzten bertan. Lizarrako Eugenio Roa jaitsi zen, pultsuz. Oso konplikatua da, leizeak 10 metro ditu higakina arte, baina gero beste 10 metro daude beherantz. Berarekin zihoana zorabiatu egin zen ikusitakoagatik: 8-10 lagunen hezurrak behintzat ba omen zeuden. Goran jende asko zegoen zain, artzainak-eta, denek uste baitzuten hor bazegoela zerbait. Orduan, aurkituko zutenaren jakitun ziren? Roak dio esaten zutela omen zegoela jendea hara jaurtia. Baina hori toki askorengatik esaten zen. Gainazalera igo zirenean ez zuen ezer kontatu nahi izan ikusitakoaz. Zorionez, Ameskoako medikuarekin hitz egin zuen, eta honek Eulaten geratzen zen gure izeba bakarrari jakinarazi zion. Seguruenik berak aholkatuta erabaki zuen izebak zuloa ixtea, aitonarekin batera hil zituzten beste bi lagunen familiekin hitz egin eta gero. Baina nola zekiten hor zeudenak gerran hildako euren senideak zirela? Hiruak herriko jendeak hil zituelako, horren zalantzarik ez da: hil zituzten gauean Lizarrara joan ziren ospatzera, kafea, kopa eta puruarekin. Nik jende askorekin hitz egin dut hura gertatu zenean bizi zena eta haiek bazekiten. ********* Santu Guztien egunaren bezperan itxi zuten leizea zementuz, apaiza bertan zela. Zaila da pentsatzea Frankismo betean baimena eskatu ere egin zutenik. Hilarri bat jarri zuten hiruen izenekin. Geroztik han dago, gerra zibileko oroimen historikoari loturiko Euskal Herriko monumentu zaharrena izan litekeena. García de Albizuk badaki zeinek landu zuen hilarria. Baina ez daki zer esan nahi duten goiko aldean kasik ezabatuta dauden JEL hizkiek, bere ustez "imajinazio handia" behar baita EAJri loturiko ezer dela pentsatzeko. Leizea itxi zen, baina zauriak ez. Hasiera batean, García de Albizuk ez zuen kezka handirik izan fusilatuen deshobiratzeekin: "Nik ontzat jotzen nuen nire aitona hor zegoela". Baina 90eko hamarkadan, Zudairin zegoela, pertsona bat hurbildu zitzaion: "Balbino izena nuela entzun eta galdezka etorri zitzaidan, Balbino asko ez baitago parajeotan. Berarekin hitz egin eta jakin nuen leizean hamar bat gorpu egon zitezkeela. Orduan hasi nintzen gehiago ikertzen, ikusi nuenean ezer ez zekiten beste zazpi familia egon zitezkeela". Ordurako Te vas a enterar aldizkaria autoeditatzen hasia zegoen Ameskoako kontuekin, eta pertsona bat auzitara ere eraman zuen "halako gauzak egiteagatik ponebombas eta etarra deitu zidalako. Bere aita alkatea izan zen, nire aitona kargutik kendu zuena eta seguruenik leize hartara botatzeko oniritzia eman zuena. Epaitegian isilarazi nuen". 2011n, udal gobernu berrien osaketarekin aukera ikusi zuen Ameskoako hainbat herritan –tartean Eulaten– hobia irekitzearen aldeko mozioa sustatzeko, eta sorpresaz, denek onartu zuten. 75 urte igaro behar izan ziren erakunde ofizial batek eskatu arte leizea irekitzeko. Zergatik? Erraza da: Balbino Bados maisua zen eta seme bakarra UPNkoa atera zitzaion. Gregorio García ezkerreko zinegotzia alarguna zen, arrebak eta ilobak baino ez zituen. Isiltasuna. Eta gure aitona: bi seme hilak, etxebizitza bahitzeko espedientea zabalik… Zer egin behar zuen amonak?   Estigma konturik ez, beraz? Uste dut amonak pentsatzen zuela: "Nik badakit non dagoen… Hil dute eta listo!". Gainera, artean Franco bizi zen, eta herri horietan denak karlistak zirenez, hobe isilik. Eta diktaduraren ondoren? Nire teoria da inork ez duela interesik izan gaian gehiegi sakontzeko, batzuk beldurra eta saminagatik, bestetzuk ez zaielako gustatzen jakitea euren aitona izan zela hura sinatu zuena edo tiroak jo zituena. ********* Hezurren deshobiratze eta identifikazio prozesua luzea izan da. Aranzadiko idazkariarekin jarri zen lehenik harremanetan, AFNA Nafarroako fusilatuen senideen elkartearekin ondoren. Tartean, 2012ko irailean, lehen omenaldi xumea egin zuten senide eta herritar gutxi batzuek. Baimena lortu eta 2013 amaieran ireki zuten azkenean leizea: "Igeltserotzan aprendiz ibilitako bat eraman nuen, zuloa oso ondo itxita baitzegoen, berak esan zuen 'zulatu hemen, hemen eta hemen', jaitsi eta hor aurkitu zituzten gutxienez sei lagunen gorpuzkinak". Ez zen sorpresa izan, areago, gorpuzkin gehiago egotea espero zuten. Baina halakorik ez esatea erabaki zuten, Gobernuak oztoporik jar ez zezan. Han utzi zituzten, harik eta 2014ko asteazken, ostegun eta ostiral santuarekin deshobiratze osoa egin zen arte. Jende asko hurbildu zen, "kontua glamourra izaten hasi zen –dio historialariak–, jada ez zen familientzako gauza bat, hildako asko zeuden".  García de Albizu oso kritiko azaldu izan da zenbait elkarte eta esparrutatik izandako jarrerarekin. Egun batzuetara, Donostia Ospitalean Aranzadiko Lourdes Errastik eta Pako Etxeberriak lan egiten duten eraikineko gelara sartu zirenean, 10 lagunen hezurrak ikusi zituzten mahai banatan jarriak. Auztegi-medikuen azterketak ez zuen zalantzarako tarterik uzten: denak gizonezkoak, denak tiroz hilak, batzuek zuloa lokiaren parean zuten, gutxi batzuek goitik beherantz, eta gehienak bala bakarrez hil zituzten, hiru izan ezik, tartean Balbino García de Albizu: "Nahiko burugogorra zen eta bigarren tiroa eman behar izan zioten". Desobiratzeekin, gertatutakoaren detaile gogorrak jakin izan dituzue… Hamar lagun zeuden, ez genuen beste informaziorik. Hori bai, leizera bota zituztenean denak hilda zeuden, eta eskertzen dut hori jakitea. Eugenio Roak behin aipatu zidan haietako bat bazterrean ikusi zuela, ezkutatzen saiatu izan balitz bezala… Halako historia asko kontatu ohi dira Urbasako hilketen inguruan. Bai, ahotsak entzuten zirela ere bai. Noski, bost zakur jaitsi zituzten bizirik soka batekin, hildakoak jan eta putreek moxal gazteekin egiten dutena egin zezaten. Zakurrek ezin zuten handik atera eta hormetatik behera zihoan ura edaten zuten. Hotsak entzuten zirela? Jakina, zakurrak ziren. Elkarri jaten hasi ziren arte. Bi baizik ez dira osorik geratu, gainerakoek hozkadak zeuzkaten. Ebidentziak horiek dira, zalantzarik ez dago. Nola lortu duzue hezurrak zeinenak ziren identifikatzea? Argitu nahi nuke identifikazioa ez zuela Aranzadik egin, hori zati historikoarekin egiten da, hezurrek ez baitaramate etiketarik. Zerotik hasi behar izan zinen beraz? Praktikan bai. Banekien Allin bailaran eta Arabako Haranan ez zela inor falta. Ezinbestean mendizerraren beste aldekoak izan behar zuten, eta orduan jabetu nintzen liburuan Urbasan hildako guztiak sartu beharko nituela. Zeinek zekien non zegoen zein? ********* García de Albizuk 100 lagun baino gehiago izan ditu inguruan lanean informazioa biltzen: ahozko eta idatzizko testigantzak jaso dituzte, Nafarroako Artxibo Orokorra arakatu dute, Espainiako Hezkuntza Ministerioari eta Ejertzitoari ere eskatu dizkiete datuak; Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako 20 bat udaletan aritu dira bila, baita foru aldundietan ere.   Horri esker, Urbasako beste tokietan izandako krimenak argitzeko urrats handiak egin dituzte. Ubabako balkoian –Pilatosekoa ere deitua– ustez botatako jendeari buruzko datuak lortu dituzte, baita Otsaportilloko leizekoak ere, bertan egon daitezkeen hildakoen kopurua zehazteraino: "Jimeno Jurio 1977ko irailean jaitsi zen Otsaportillora eta berarekin zegoen Peio Iraizoz. Berak ziurtatzen duenez, bueltak eta bueltak eman ostean 14-15 buru-hezur baino ez zituen ikusi. Bada, niri kopuru bera ateratzen zait". Leize horretan deshobiratzeak egiteko baimena jadanik eskatuta dago, 1936an bi aitonak fusilatu zizkioten eta ikerketan buru-belarri dabilen Amaia Urkijo etxarriarraren eskutik. Urbasako Arrasoko leizetik berreskuratutako hezurrak aukera paregabea ziren DNA froga bidez ikerketa historikoko sospetxak baieztatzeko: "Bederatzitik bederatzirekin jo dugu, hamargarrena aurkituko dugu, zailagoa da, baina aurkituko dugu". Eulateko hiru lagunez gain, Etxarri Aranazko bost eta Zegamako beste baten hezurrak dira. Kasu askotan García de Albizuk berak hartu dizkie mostrak biktimen senideei, emaztea duen erizainaren laguntzaz. Nola erreakzionatu dute senideek  berengana froga genetikoen bila jotzean? Kontua da ezin geniela erabateko segurtasunik eman. Esaten genien: "Begira, gertatzen dena da, agian zure aitona edo aita ez dagoela Otsaportillon, beste leize honetan baizik". Egoera zailak dira horiek, inoiz izan duzu planto egiteko gogorik? Ez horregatik, jendeak orokorrean zoragarri erantzun baitu. Baina kontu honen beste erabilera bat egin edo soilik argazkian atera nahi izan dutenak ere egon dira. Halakoetan pentsatu izan dut ez segitzea. Zuek hartu dituzue mostrak, eta zuek ordaindu, udalen laguntzarekin. Nola azaldu Nafarroako Gobernuak ezer ez egin ez finantzatzea ere, oroimen historikoaz lege bat onarturik duenean? Garbi zegoen UPNk xentimorik ere ez zuela jarriko. Rajoyk aurrekontua ezer gabe utzi zuen eta bagenekien Barcinak gauza bera egingo zuela. Gehiago harritu nau zenbait udalen atzetik ibili behar izateak. Iruditzen zait ez dagoela interesik zehaztasunetan sartzeko, hura egin zutenak estralurtarrak balira bezala. Bingen Amadoz kazetariak Argian berriki egin diogun elkarrizketan dio herri guztietan zeudela "matoiak". Jendeak salaketak jarri zituen, kolaboratu egin zuen, eta nik aipatu egiten ditut liburuan, haiek azaltzen diren dokumentuetan oinarrituta: alkateak, epaileak, parrokoak, aguazilak… Denek ez zuten tiroa jo, baina askok hori gertatzea baimendu zuten beste aldera begiratuz. Ez dut inor erreduntzat jotzeko egiten, prebenitzeko baizik. Gaur egun jarraitzen badugu praktika horrekin, etsaia deabrua bailitzan tratatzen, ordukoa gerta liteke: azkenean jendea konbentzitzen duzu etsaia, ondoen, hilda dagoela.
news
argia-bb5ee5c4c991
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/joxemiel-bidador-pastorala.html
Lagunaren omenez, Iru�eko euskaldunen gorazarrez
Gorka Bereziartua Mitxelena
2015-10-11
Lagunaren omenez, Iru�eko euskaldunen gorazarrez "Inork merezi badu pastoral bat Iruñean, Joxemi da". Esaldiak denbora zeraman Joxemiel Bidador zenaren lagunen buruetan. Aurten gorpuztu da. Urriaren 10ean idazle eta ikerlariaren omenez zuberotar estiloan egingo den herri antzerkiak Hiri Buruzagiko euskaldun guztiei ere egin nahi die gorazarre. Martxa onean doaz Joxemiel Bidador, Iruñeko euskaldunak pastoralaren prestakuntzak. Urriaren 10eko 17:00etan eguraldia lagun Iruñeko Burgoen plazan ikusi ahalko den emanaldia baino astebete lehenago egin dugu solas Patxi Larrionekin, eta azaldu digunez, pastoralaren liburuxkak estreinaldirako agortuta egongo direla aurreikusten dute –horien salmenta izango da ikuskizuna finantzatzeko bide nagusia–. Bidadorren laguna zen Larrion, egitasmo honetan parte hartu duten beste asko bezala, eta bere esanetan aspaldiko asmo bati forma eman diote ikuskizunaren bidez.  "Hau berez, ia Joxemi hil baino lehen sortu zen" dio, 2010eko otsailaren 26a gogora ekarriz. Ostiral beltza Nafarroako euskal kulturarentzat: Mañuetako idazle eta ikertzaileak buruko isuria izan zuen eta larri zegoen. Lur jota zeuden lagunak gerta zitekeenaren beldurrez, eta batzuk elkartu egin ziren barrenak husteko, goizeko hiruak arte luzatu zen solasaldian. Bidadorren Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra liburua izan zuten eskuetan. Zer edo zer egin beharra zegoen, liburu haren egileak merezi zuen aitortza berezia. Hurrengo asteartean hil zen Bidador, otsailaren 2an. Aste berean Artikako kultur etxea haren lagunez bete zuen omenaldi zibil batek. "Hartan parte hartu genuen gehienok parte hartzen dugu pastoralean ere, arizale edo laguntzaile gisa".  Pertsona polifazetikoa nola taularatu Urteotan beste omenaldi batzuk ere egin zaizkio Bidadorri, baina honek baditu zenbait berezitasun: Iruñean inoiz ekoiztu den lehenbiziko pastorala da eta 2014ko Gerezien denbora ren atzetik, Zuberoatik kanpo egiten den bigarrena.  Beste ezohiko pastoral batek izan du eraginik gaur mintzagai duguna abian jartzerako orduan: Ederlezi , Mixel Etxekoparrek idatzi eta Nicole Lougarotek zuzendu zuen euskal ijitoei buruzko ikuskizuna Iruñean eskaini zuten iaz, Duguna dantza taldeak, Zaldiko Maldikok, Euskaldunon Biltokik eta Karrikirik antolatuta. Eta amaitu ondorengo afaritan, Bidadorren lagunen berriketa berriz iritsi zen omenaldiaren gaira. Oraingoan bai, formatua ere argi zegoen: "2014ko udarako Jon Alonsok idatzia zuen zirriborroa", dio Larrionek. Prosan zailduagoa dagoen idazle batentzat pastoral bat idaztea zer den galdetu diogu Alonsori, baina badirudi gustuko tokian aldaparik ez duela aurkitu: "Zortziko bertsoak dira eta pareetan errima daukate, hartara jarriz gero egin egiten duzu", esplikatu du. "Beste pastoral batzuetako testuak ikusi ditut eta, adibidez, aitzin pheredikiko lehen bertseta hitzez hitz hartu dut beste obra batetik. Horrelako keinuak badaude: kopla modukoak direnez gero, Arestiren bat ere sartu dut". Testuaren beste zailtasuna, Bidadorren aurpegi ugariak erakustea. Idazlea, filologoa, ikertzailea, dantzaria, irakaslea, euskaltzalea, Baternaingo alkatea, bi alabaren aita... Bizi izan zen 39 urteetan nekaezina izan zen, hain ibilbide oparoa bi ordu inguruko lan batean jasotzea ia ezinezkoa da. Eta Bidadorren heriotza memorian hurbil egonda, egokitzapenak ere egin dituzte. "Pastoraletan sujeta aspaldiko pertsonaia izaten da eta norbaitek antzezten du. Guk ez genuen nahi norbaitek Joxemiren papera jokatzerik, arrisku handia zegoen, bai ikuslearentzat, baita hori egingo zuen antzezlearentzat ere; konpromiso handiegiko lana izango zen. Azken finean, duela bost urte baino ez zen gertatu Joxemirena".  Zuzenean antzeztu ordez, narratzaile bat edukiko du pastoralak, aldizkari honetako Pertsonaia atalean Reyes Ilintxetak elkarrizketatu duen Mintxo Garaikoetxea. Beraren bitartez, zeharka kontatuko dira Bidadorren askotariko alderdiak. "Gauza batzuk kanpoan geratu dira hala ere. Batez ere sortzaile, literatur kritikari eta dantzari lanek ematen diote haria". Ezohiko pastorala Aritz Ibañez eta Ihitz Iriart arduratu dira obraren zuzendaritza artistikoaz eta hasieratik ikusi zuten ez zuela zentzu handirik Zuberoako pastoral bat bere horretan Iruñean egiteak. Baina, era berean, antzezlan mota honek baditu istorio-kontatzeko ezaugarri interesgarriak, diziplina artistikoak uztartzeko aukera adibidez. Oinarri-oinarrizko elementuak hartu dituzte urriaren 10eko ikuskizunerako beraz, Ibañezek azaldu duenez. "Bi talde antagonikoren artean gertatzen den istorioa, koblaka, eta tartekatuz kantua, antzerkia, dantza eta musika: hori dago gure pastoral honen funtsean".  Zintzoen eta gaiztoen mundu dualista aurkeztuko zaigu, hori bai, normalean egin ohi denaren guztiz kontrara. "Pastoraletan khirixtiak izaten dira onak eta türkak gaiztoak. Gure kasuan, Nafarroan orain arte agintean egon direnak oso kristauak omen direnez [barre egin du], erabaki genuen gaiztoak kristauak izanen zirela; eta euskaldunok berriz, türkak ". Beste zenbait "lege" ere hautsi dituzte, adibidez, agertokian sartzeko eta ateratzeko modu batzuk; edo artzainak eta aingeruak derrigorrez agertu beharra. Kontatzen den istorioa Hiri Buruzagiko euskaldunen imaginariora egokitzeko asmoz hartu dituzte erabakiok. "Batzuentzat agian sakrilegioa izango da, baina istorio honek ez du halakoen beharrik, eta beraz ez ditugu sartu". Dantzei dagokienez, neurri berdinean berrikuntzak eta pastoraletan ohikoak direnak: satan dantzak, adibidez, Zuberoako maneran plazaratuko dituzte, "berdin-berdin". Baina horiez gain, Bidador San Lorenzoko danzanteetan ibili zenez, haiek ere gonbidatu dituzte jelkhaldi batean. Eta Tuterako erraldoiak ere bai: "Bals bat dantzatuko dute, bere garaian Tuterako gaiteroek Joxemieli eskaini ziotena". Iruñeko euskaldunei gorazarre, aldaketa giroan Lau kantuk osatzen dute pastoralaren alderdi musikala. Jean-Louis Davanten hitzak ditu batek eta Mixel Etxekoparren doinua; propio sortu du Etxekoparrek beste bat, hitz eta doinu, eta gari koloreko Euskal Herriaren bindikazioa dela diote entzun ahal izan dutenek; proiektu honen bultzatzaile nagusienen artean dagoen Kike Diez de Ultzurrunen letra bati Ermuako doinua erantsi diote hirugarren piezarako; eta Etxamendi eta Larralderen Otsagabian jotari hitz berriak jarri dizkio Fernando Reyk laugarren abestian. Parte hartzaile askoren laguntzarekin lortuko dute pastorala estreinatzea. Eta badirudi partaideek beren burua ispiluaren aurrean ere jarriko dutela, ikuskizunaren tituluan bertan igartzen baita Bidadorrez gain, urtetan Iruñeko euskalgintzan aritu diren lagunak ere omendu nahi dituztela. Haiei esker gertatzen ari da Nafarroako "beste" aldaketa, erakundeetan agitu denarekin lehiatu dezakeena, titularretan ez bada, bai behintzat eguneroko bizitzan eta, zalantzarik gabe, ikuskizun honen prozesuan. "Ehun lagun inguru aritu gara honetan, eta denak gara euskaldunak", azaldu du Larrionek; baita puntualizatu ere: "Ez arizale eta musikariak bakarrik, zurgina, igeltseroa eta abar ere bai". Hasi eta buka euskaraz, duela zenbait urte ezinezkoa zena gertatzen ari da.  Bidadorrek Mariano Mendigatxa bidankoztarraren sindromeaz idatzitako poema etortzen da gogora hori ikusirik: ez mohikano, ez azken euskaldun. Mendigatxak eta Iruñeko euskaldunak ardo bat eskatzen du. Edo bi, gonbidatuko lukeenak konpainia ona eskainiko balio. Urriaren 10ean izango da horrelako tratuetarako aukerarik.
news
argia-74d50f371b84
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/diruzur.html
(D)iruzur
Itxaro Borda
2015-10-11
(D)iruzur Maskaraturik aitzinatzen dira. Isilka-misilka. Mesfidatu behar da lanaren munduko heroi gisa oilartzen zaizkigun solaskideez: ez dute opor eskubiderik, astean hirurogei ordu egiten dituzte, ez dira sekula eri eta laidoztatzen gaituzte, beraien gustuko, alferrak garelako. Sugandila-larru makroniarra karrakatzea aski da, den mendrena, ohartzeko, hatsa gezur ari direla, aitzinean daukatena apaltzen eta mistifikatzen. Lanaren balioa goratzen eta morala egiten digutenek ardura aberastasuna herentziaz erdietsia dute, txapeldun distiratsuenak dopatuak dabiltza eta ospe handiko Volkswagen kotxe alemaniar ustez garbien material informatikoa trafikatua da. Egitura neoliberalak haro zerbait duen oro erabiltzen du, zuzen ala oker, langile atzeratuek soka laxatu dezaten: igandeetako pausa eguna, lanaren kodigoaren geriza, ordutegien finkotasuna. Egiazko gerra baten minean gaude, baina soldadu armatuez aparte, hemen, gudariak, ministroak dira, zientifismoaren gerizpean datozkigun ekonomialariak, kazetariak, umorista aho-zabalak, editorialista oro-jakitunak. Ez dute amore emanen. Iruzurrak sosegatzen ditu.
news
argia-1a9e8e7c8e4a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/lan-ezkutua.html
Lan ezkutua
Montserrat Auzmendi del Solar
2015-10-11
Lan ezkutua Filmetako soinu-bandak konposatzea ez da oso elikagai konpletoa musikariaren autoestimua asetzeko. Beti irudia azpimarratuz, askotan pelikularen giroa ez litzateke lortuko musika egokirik gabe, baina aitortu behar da ikuslea gehienetan ez dela horretaz jabetzen. Lan ezkutu, neketsu eta zaila egiten duten konpositoreek izan zuten omenaldi txiki bat, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik, Donostiako Zinemaldiaren barruan. Bost musikariren lanak disfrutatzeko aukera izan genuen, dagozkien filmen zatiak –ia laburpentxoak– proiektatuz. Eta ariketa kuriosoa suertatu zen, oso eskergarria. Alde batetik, konpositoreen koalitateak eta bakoitzaren nortasun berezia apreziatu genituen; bestetik, sentitu genuen nola kasu batzuetan oreka berezia lortzen den irudiaren eta musikaren artean eta beste batzuetan batak jan egiten duen bestea –batzuetan musika da jalea–; eta, musika alde batera utziz, txunditu egin ninduen ikusteak nola minutu gutxi batzuetan sentitzen zen filmaren kalitatea, edo kalitate eza. Alfonso de Vilallongaren Blancanieves filmaren bandarekin hasi zen saioa, oso ondo egina, oso klasikoa, eta oso egokia zuri-beltzez egindako ipuin klasikoaren bertsioarentzat, non fotografia dena zen, polita, inpaktantea. Jarraian, agian gehien gustatu zitzaizkidan bandak, Pascal Gaignerenak. Loreak pelikularen zati batzuk ikusi genituen, musika iradokitzaile eta aberatsarekin, eta Lasa eta Zabala ren soinu-banda bizkorra disfrutatu genuen. Jeniala. Álex de la Iglesiaren Las brujas de Zugarramurdi filmaren musikak, Joan Valentenak, ederki egokitzen ziren pelikularen irudi fantasiotsuetara. Honen ondoren, Alberto Iglesiasen lanaren erakusgaiak izan genituen. Almodóvarren lau pelikula – Todo sobre mi madre, Hable con ella, La mala educación eta La piel que habito –. Aitortu behar dut ez zaidala batere gustatzen Almodóvarren zinea; beraz, salbatzen zen gauza bakarra kasu honetan musika zen, zalantzarik gabe. Eta amaitzeko, benetako "pestiño" bat, Zipi y Zape y el club de la canica , Fernando Velázquezen musikarekin. Gauza hobeak egin ditu Velázquezek – Lo imposible filmaren soinu-banda adibidez–, baina tontakeria hau aukeratu zuten saioa bukatzeko. Balekoa, besterik ez. Orkestra, Roman Gottwald zuzendariaren batutapean, ederki aritu zen. Gauza bera esan behar Donostiako Orfeoiaren talde txikiaz ere.
news
argia-fd0df2a07cc7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/mintxo-garaikoetxea-aranburu.html
"Ohorea da Lantzeko inauteriak bezalako ekitaldi ikur batean parte hartzea"
Reyes Ilintxeta
2015-10-11
"Ohorea da Lantzeko inauteriak bezalako ekitaldi ikur batean parte hartzea" Sanferminetatik hasi eta Lantz, Ituren eta Zubietako inauterietatik segituz, son kubatarraren gaualdietatik pasatuz, festa askori soinu banda jartzen dien musikari trebe, alai eta umoretsua. Musikazaletasuna noiztik? Gure etxean musika oso garrantzitsua izan da beti. Ama Orfeoiko abeslaria zen, solista gainera. Aita ere kantazalea zen eta biak dantzariak. Musika eta euskal folklorea beti izan ditugu oso gertukoak familian. Eta euskara berdin. Aita euskaldunberria dugu, anai-arreba gazteenak ikastolara joandakoak dira eta besteok euskaltegian ikasi dugu. Hamar anai-arreba gara eta gure artean baditugu txistulariak, atabalari bat, Orfeoiko kideak, San Fermin koruan ibilitakoak… Musika giroan bizi izan gara beti. Txikitatik solfeo ikasketak egin nituen eta baita saiakera batzuk ere pianoarekin eta oboearekin, baina horiek utzi eta berehala hasi nintzen txistua ikasten Iruñeko Kontserbatorioan. Ondoren, Iruña Taldea dantza taldean sartu nintzen txistulari eta horrela hasi zen nire ibilbidea. Oso gazte nintzela ere, 16 urterekin, Iruñeko Udal Txistulari Bandan hasi nintzen eta harrezkero han jarraitzen dut. Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Mikel Aranburu, lehengusu propio duzu eta hura ere udal txistularia, ezta? Eta dantzaria. Taldean dago eta laguntza behar dugunean beti prest dago, baina emanaldi guztietara etortzeko ardura utzi behar izan zuen eta orain kargu berriarekin are lanpetuago ibiltzen da. Zein dira zure urteroko ezinbesteko hitzordu musikalak? Lantzeko inauteriak, Ituren eta Zubietakoak, sanferminak, eta Zarauzko sanpelaioak eta Euskal Jaiak. Egun horiek dira nire opor egutegia egiterakoan markatzen ditudan lehenbizikoak. Iruñeko txistulari batentzat Udal Txistulari Bandan edo Lantzeko inauterietan aritzea zer da, mailarik gorenera iristea? Baietz uste dut nik. Lantzera duela hogei bat urte hasi ginen joaten Mintxo Salaberri eta biok, kontratatuta. Oso egun politak izateaz gain, ohorea da folklorearen ekitaldi ikur batean parte hartzea. Urte batean, inauteri garaian, San Franciscoko Euskal Etxera jotzera joateko aukera izan nuen, baina ezetz esan nien Lantzera joan ahal izateko. Garai batean bezain erakargarri izaten jarraitzen du inauteri ospakizunak, zure ustez? Urte batzuetan jende gehiago hurbiltzen da eta besteetan gutxiago, eguraldiaren arabera, bereziki. Hala ere, oro har, ni hasi nintzenean masifikazio gehiago zegoela uste dut. Eta Ituren eta Zubietara joateko ere deitzen zaituzte? Ez. Hara nire kabuz joaten naiz, lagunak direlako. Duela 26 urte han izan nintzen erizain urtebetez eta geroztik urtero joaten naiz jotzera. Gauza bera Zarautzen? Bai. Zarautzen ere lagunak ditut eta sanpelaio eta Euskal Jaietara joaten naiz urtero oso pozik. Txistuaz gain, beste musika tresnak ere jotzen dituzu, eta abestu egiten duzu. Zenbat taldetan zaude orain? Iruña Dantza Taldean jarraitzen dut txistulari, baina ez naiz entsegu guztietara joaten, lehen bezala. Beste txistulari batzuk badira orain eta ni noizbehinkako kolaboratzailea naiz. Udal Txistulari Bandan ere ari naiz, eta hor bai, urte osoan ditugu entsegu eta betebeharrak. Nire aspaldiko beste taldea Jarauta 69 da. Azken urte hauetan Iparraldeko plaza talde batekin aritzen naiz, Kiki Bordatxorekin, eta duela gutxi hemengo eta Tafallako lagun batzuekin son kubatar talde bat egin genuen: Sonora Sonera. Hor tronpeta jo eta abestu egiten dut. Eta gero nire kabuz beste gauza batzuk ere egiten ditut. Musika kubatarra, zer dela eta? Lagun batzuk Kuban izan ziren, eta gustuko genuenez hango musika, proba egitea erabaki genuen. Horrela hasi eta hamar bat urte daramagu. Laster izanen gara adineko kubatar talde mitiko haien modukoak! Musika latinoa oso modan dago? Bai, baina gure son estiloa ez da oso erakargarria saltsa eta bachata dantzatu nahi dutenentzat. Batzuetan pieza mugituagoak eskatzen dizkigute, baina guri hau gustatzen zaigu eta hau jotzen dugu. Jarauta 69 instituzio bat da gaur egun Nafarroan. Jarautarekin 30 urte inguru daramagu. Jarauta kaleko 69. zenbakian zegoen etxabe batean hasi ginen, eta nahiz eta berehala 65era pasatu, izen horrekin gelditu ginen. Txiste moduan esaten dugu garai haietan 69 esan eta irribarre maltzurra egiten zuela jendeak. Orain, aldiz, esaten dugu zenbakia aipatu eta jendea hasi dela pentsatzen taldekideon adinagatik dela. Euskal kantak, jazza, musika balkanikoa, kubatarra, saltsa, erritmo latinoak, mexikarrak… estilo askotako kantak ditugu eta beti saiatzen gara pieza berriren bat sartzen, baina jendeak gehienetan kanta zaharrak nahiago izaten ditu. Amapola eta Volver volver mexikarra, adibidez, dira gure hit paradetako bi.   Hainbeste taldetan izanik, zure ordutegia antolatzea ez da erraza izanen… Ez ba! Bi talderen entseguak batera suertatzen badira, bat aukeratu behar. Ni gabe konpontzen badira, besteekin joaten naiz. Eta honetaz gain, lana. Erizaina zara. Bai, erizaina naiz Mutua Navarran. Lan istripuak artatzen ditugu. Abantaila da txandaka ibiltzen garela eta gure artean oso ongi moldatzen garela lan txandak antolatzeko. Zure opor egun guztiak musikarako dira? Ez. Bidaiatzea ere asko gustatzen zait, baina egia da nire opor egutegia antolatzean markatzen ditudan lehenbiziko egunak emanaldietarako behar ditudanak direla. Eta musikari profesionala izatea ez duzu inoiz pentsatu? Agian nire garaian ez ziren orain dauden ikasketak eta zailagoa zen horretan profesionalki aritzea. Bestalde, lehen etxeetan, familietan, norbaitek esaten bazuen lanbidez musikari izan nahi zuela ia-ia erotzat hartzen zuten. Orain, ikuspuntua izugarri aldatu da, zorionez. Hala ere, batzuetan pentsatzen dut musika lanbidetzat hartu izan banu agian afizio gutxiago izanen nukeela orain. Niretzat musika ihesbidea da, oso ongi pasatzen dut. Bidaia askotxo egin duzu txistua eta tronpeta besapean hartuta? Europa eta Amerikako hainbat tokitan izan naiz. Txistuarekin Sizilian, Polonian, Alemanian, Ingalaterran, Irlandan, Argentinan, Txilen… Kiki Bordatxorekin Kalifornian eta beste talde batekin Quebecen aritu ginen. Jendea ezagutzeko parada ere ematen dizu. Jende pilak agurtzen zaitu kalean jotzen zoazela, sanferminetako prozesioan, adibidez. Bai, eta nahiko itxia naizenez, baliogarria suertatzen zait jotzen aritzea hitz egin behar ez izateko. Batzuetan neure buruaz esaten dut bizi sozial zabala duen gizon asoziala naizela. Txistuaren atzean ezkutatzen zara, beraz? Errazago bonbardinoaren atzean… Zenbat musika tresna jotzen dituzu? Txistu familiakoak txistua eta txirula, gero bonbardinoarekin eta tronpetarekin hasi nintzen nire kabuz. Txistuak euskal labela du? Txistua hemengoa da, baina familia horretako tresna asko dago: Aragoin chiflo da, Salamanca eta Extremaduran gaita deitzen diote, Andaluziakoa pito rociero, Provenzan galoubet… Hiru zuloko flautak dira denak.   Eta ttun-ttuna? Zuberoan egin genuen ikastaro txiki bat eta gero joaz ikasi dut. Dantzetarako piezak dira, bereziki. Harreman onak dituzu Iparraldeko musikariekin? Bai, nire taldekoekin eta Mixel Etxekoparrekin, adibidez. Duela gutxi, haien Atlas Geopoetikoaren atal bat egitera etorri zirenean, nire etxean gelditu ziren lotara eta berdin ni hara joaten naizenean, bere etxeko ateak beti irekita ditut. Elkarrengandik asko ikasten duzue? Nik berarengandik bai, baina alderantziz ez dut uste. Mixel, beste maila batean, maila berezi batean, aritzen da. Irudimen handikoa da eta sortzaile bikaina. Folklorean zer puntutaraino egiten dira gauza berriak? Folklorea bizirik dagoen zerbait da eta aldatuz doa etengabe. Horregatik ongi dago gauza berriak sortzea. Orain badira mugimendu interesgarriak folklorea berritzeko: Erriberan paloteau berritzaileak egiten ari dira azken urteotan, esate baterako. Beste adibide bat izan daiteke hemen Iruñean San Lorenzoko Danzanteek egiten dutena: dantza pieza berriak estilo zaharrarekin. Oso interesgarria.   Udal Txistulari Taldean ez, ezta? Hor errepertorio finkoa duzue? Bai. Prozesioan, dantzaldiak, dianak… dena berdina izaten da. Baina txisturako egiten dira pieza berriak eta Txistulari Elkarteak partitura berri asko ematen ditu argitara. Haien artean denetik ikusten da, baita pieza garaikideak ere. Sanferminetakoaz gain, zer egiten duzue Iruñeko txistulari ofizialok? Azarotik uztailera arte igandero dianak jotzen ditugu hiria iratzartzeko. Gehienbat Alde Zaharrean barna ibiltzen gara, baina auzoetako jaiak direnean haietara joaten gara. Eguerdiko ibilaldi batzuk eta dantzaldiak ere izaten ditugu urtean zehar. Ekaina eta abuztuaren bigarren hamabostaldian eta irailean, astearte eta ostegunetan dantza saioak egiten ditugu arratsaldean Gazteluko Plazan. Data garrantzitsuak dira baita ere, Batasunaren Pribilegioaren eguna, San Fermin Txikiren dianak eta Jaun Done Saturdi eguneko ospakizunak. Entseguak astean behin edo bitan egiten ditugu.   Nola ikusten duzu txistuaren harrobia? Musika eskoletan eta dantza taldeetan gazte asko ikusten dira. Dantza saioetan zer ikusten da Gazteluko Plazako kioskotik? Garai batean gazte gehiago ikusten zen, agian han lagunekin elkartzeko aprobetxatzen zutelako. Orain, aldiz, gehienak dantza zale beteranoak dira, ikastaroetan eta dantza taldeetan ibilitakoak, eta huts egin gabe joaten dira. Folklorea hemen oso lotua dago jarrera politiko batekin? Litekeena da eskuineko jendea dantzazalea izatea, baina errealitatean ikusten da gehienak euskaltzaleak garela. Zer da onena eta txarrena musikari jardueran? Oso gustura aritzen naiz musika jotzen, eta jendea pozik ikustea oso atsegin dut. Txarrena, ordutegiak, lo gutxi egin beharra, batez ere. Nik fama dut jotzen ahal dudala baita loak hartuta ere.
news
argia-0730afe4fc46
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/mundua-bete-pantaila.html
Errealitate ukigarria edo etorkizuneko asmo handiak?
Elisabeth Pombo
2015-10-11
Errealitate ukigarria edo etorkizuneko asmo handiak? Pantailez inguratuta bizi gara, gailu bat baino gehiago erabiltzen dugu egunean zehar eta konturatu gabe, batetik bestera egiten dugu salto: mugikorretik eramangarrira eta handik tablet-era edo telebistara. Telebista ikusi bitartean ere beste pantaila batzuekin elkar eragiteko gai gara. Datuek garbi erakusten digute. Millward Brown etxeak mundu mailan egindako ikerketaren arabera, erabiltzaileek gaur egun gehien erabiltzen duten gailua smartphone-a da (egunean 147 minutu, batez beste), telebista (113 minutu), ordenagailu eramangarria (108 minutu) eta tablet-a (50 minutu) baino gehiago. Gailuen erabilera eguneko orduaren arabera ere aldatzen da. Ordenagailua gehienbat goiz eta arratsalde partean erabiltzen da, telebistek eta tablet-ek gauean dute presentzia gehiago, alegia erabiltzaileak etxean daudenean. Gainera, ikerketa erantzun zutenen artean %35ak hainbat gailu (smartphone, tablet eta telebista) aldi berean erabiltzen dituztela baieztatu zuten. Esperientzia hau second screen edo bigarren pantaila bezala da ezaguna eta marketin munduan eta oro har ikus-entzunezko sektorean erabiltzen hasi dira. Hau da, bigarren pantaila kontzeptuarekin, hainbat pantailatan eta aldi berean zeregin desberdinak egiteari buruz ari gara, pantaila nagusi baten osagarri gisa. Adibidez, telebista ikusten dugun bitartean, bertako edukiari buruz iruzkinak egitea sare sozialetan edo iragarki bat ikusten ari zarela produktu horri buruzko informazio osagarria eskuratzea tablet edo smartphone-aren bidez. Mundu mailako datuek erakusten digutenaren arabera, internet gailu mugikorren bidez kontsultatzen duten erabiltzaileen %61ek gailu mugikor bat erabiltzen du telebista ikusten duen bitartean. Badirudi beraz, informazioaren kontsumo pasibotik aktibora pasa garela eta telebista ikusten dugun bitartean, adibidez, beste gailu eta kanal batzuekin elkar eragitea bilatzen dugula. Zentzu honetan Millward Brown etxearen ikerketaren arabera, APP baten bidez elkar eragitea ahalbidetzen duten telebistako edukiek erabiltzaileen arreta bereganatzen dute, sare sozialetan erraz partekatzeko modukoak badira eta iraupen laburrekoak. Era berean, traolaren bat edo on-line kontsultatu daitekeen edukia (behind the scenes) duten iragarkiek oihartzun handiagoa dute. Zentzu horretan, Atresmedia etxeak egindako beste ikerketa batek ondorioztatu zuen bigarren pantailaren erabilerak ikusleek markei buruz duten oroitzapen indizea bikoizten duela. EITB.eus-eko edukien arduradun Iñako Gurrutxagaren aburuz, lehen ere jendeak telebista ikusten zuenean, sarritan beste zerbait egiten egoten zen, josten, plantxatzen… "Ataza anitzeko pertsonak izan gara betidanik. Berritasuna da orain telebistarekin zerikusia duen zerbait egiteko aukera dugula, smartphone edo tabletak erabiliz". Euskal Herrian oraindik ez dago merkaturik Aletxu Echevarria, besteak beste, The Blackout Project edo MuchoMove negozio digitalak abiarazi dituen ekintzailea da. Berak argi dauka eduki kontsumo aldaketa hau Millennials deituriko gizarteko segmentu batek bultzatzen duela. Hau da, 18-35 urte bitarteko gazteek, "natibo digitalak" bezala ere ezagunak. "Adin horretatik aurrera, telebistaren kontsumoa adibidez pasiboagoa da", dio Echevarriak. Echevarriaren ustez, AEBetan eta Ingalaterran kontsumo digital eta interaktibo maila handia dute dagoeneko, baina Euskal Herrian 5-10 urte atzetik goaz, oso hastapenetan gaude: "Egunerokotasunak Madrilen egotera eramaten zaitu, han baitaude iragarle eta telekomunikazio enpresa handiak". Hala, berak sortutako enpresek Bilbon eta Madrilen dituzte egoitzak. Echevarriaren helburua Euskal Herritik edozein ekosistematan garatu ahal izateko egitasmo digitalak sortzea da, ikuspegi globala dutenak, hain zuzen ere. Iritzi antzekoa du Batura Mobile Solutions Bilboko enpresako bazkide Gotzon Arzelusek. Duela hiru urte Community Wall second screen bezala defini genezakeen egitasmoa jarri zuten martxan. Egitasmo honen bidez, jardunaldi eta ekitaldi handietan jendeak bere gailu mugikorra erabiliz Twitter, SMS edo e-posta bidez bidaltzen zituen mezuak eta argazkiak pantaila handi batean erakustea lortu zuten. Erabilia izan zen adibidez, Araba Euskaraz edo Kilometroak ekitaldietan, "baina ez dugu lortu produktu hori errentagarri egitea, ez dakigu zergatik, akaso orduan oraindik ez zelako momentua", dio Arzelusek. Arzelusen aburuz, mundua doan abiaduraren aurka goaz: "Esparru digitalak metrikak, neurketa zehatzak ahalbidetzen ditu, eta hala ere, Euskal Herrian markak marketinari dagokionez, oraindik analogikoan mugitzen dira gehiago, ez dute jauzia ematen". Rikardo Idiakez, Ternua Group-eko komunikazio arduradunak baieztapen hau berresten du, nahiz eta euren kasuan azken hiru urtetan digitalera jauzia ematen ari diren eta datuek adierazten dutenaren arabera, egindako apustuak emaitzak ematen ari diren: "Ternua Group-en interneteko teknologiak jarraitzen saiatzen gara eta ahal dugun neurrian erabiltzen, oraindik ez gara iritsi second screen esperientzietara, baina on-line marketin estrategia badugu. Duela hiru urte marketin digitalaren aldeko apustua egin genuen eta ditugun indikatzaileek egindako inbertsioak errentagarriak direla adierazten digute. Ondorioz, etorkizunean arlo honetan inbertsioak handitu egingo ditugu". Hala ere, analogikoak oraindik pisu handia duela aitortzen du. Baina bide digitalak besteak beste, neurketa eta pertsonalizazio era zehatzak ahalbidetzen baditu, zergatik ematen da Euskal Herrian egoera hau? Idiakezen ustez, oro har gizakioi, eta ondorioz erakundeei aldaketek beldurra ematen digute, inbertsioak egitean bermea bilatzen dugu, "baina zenbat eta datu gehiago eduki eta emaitzek egindako inbertsioen itzulera bermatu, orduan eta errazagoa izango da aldaketa". ETBko programazio arduradun Joselu Blancoren ustez ere, publizitate mundua oso kontserbadorea da: "Telebista berriaren metrikak gaur egun telebista tradizionalarekin konparatuz, oso txikiak dira, horregatik mugimenduak oso poliki doaz". Paradigma aldaketa honetan ETBren apustua telebista programen inguruan komunitatea eraikitzea dela gaineratu du Iñako Gurrutxagak: "Telebista publikoa gara, baina komertziala ere bai eta emaitzak eman behar ditugu. Une honetan merkatuak emaitzak telebistan neurtzen ditu, beraz, helburu nagusia telebista da, baina badira beste helburu batzuk osagarriak direnak, adibidez, komunitatea eraikitzea". Zentzu honetan gogorarazi du ETB izan zela Europan Twitterreko mezuak telebistan txertatu zituen lehena, 2008. urtean Nick dut Nik programan, hain zuzen ere. Sormen industria baten aldeko politikaren beharra Izen desberdinak jasotzen dituen arren eta nahiz eta kontzeptu bakoitzaren barnean hainbat azpisektore integratu, sektore industrialetik at mugitzen den beste sektore ekonomiko baten beharrizanez eta etorkizunaz ari gara. Deitu kultur industria, sormen industria edo eduki digitalen industria. Aletxu Echevarriaren ustez sektorearen eraldaketa beharrezkoa da, "bestela ikus-entzunezko sektorea hemen oso ahul geratuko da", dio. Horretarako Eduki Digitalen Industria eta Administrazioaren arteko zuzeneko harremanen alde egiten du, gaur egun gertatzen ez den zerbait. "Administrazioen laguntza behar dugu, ez diru-laguntza moduan, baizik eta tresnak eman behar dizkigute beste merkatu batzuekin lehiatu ahal izateko". Beste merkatu batzuei begira, Echevarriak garbi dauka hemen ere eduki digitalen industria deitu daitekeen horretan beste azpisektore batzuk gehitu behar direla, Suedia, Danimarka edo AEBetan egiten duten antzera. "Ohiko ekoizpen etxeez gain, teknologia garatzen duten enpresak, publizitate eta komunikazio agentziak, eta jardunaldiak antolatzen dituzten enpresak ere egon behar dute media ekosisteman. Horiek guztiek ikus-entzunezko komunikazioa eta bideoa behar dute". Josu Erguin, Digitalak ekoizpen etxeko arduradunak eraldaketa honetan sormenak duen garrantzia azpimarratu du: "Jendearen sormena zabaldu behar da, formazioa, zeren gaur egun teknologian inbertsioak ez dira hain handiak eta Administrazioak horretan hartu behar du parte, formazioan, prestakuntzan, ereduak erakusten…". Hala ere, Erguinen ustez, Euskal Herriko arazoa da sormen-lana oso garestia izatea eta sistemak ezin duela hori ordaindu. Gotzon Arzelusen aburuz ordea, arazoaren konponbidea ez da Administrazioaren aldetik etorriko. "Hemen teknologian asko inbertitzen da, baina soilik maila industrialean. Hala ere, erakundeen politikek ez dute hau konponduko, autokritika egin beharko lukete, izan ere eurak bezero bezala garrantzitsuak dira, baina arazoa da merkatu pribatuan ez dagoela teknologian inbertitzeko kulturarik". Iñako Gurrutxagak berriz, uste du erakunde publikoek gaur egun EITB taldearen esku uzten dutela industria hau bultzatzeko zeregina, "baina gu ez gara iristen, guk ere emaitza batzuk eman behar ditugulako, ezin dugu guk nahiko genukeen guztia inbertitu. Beraz, benetako industria garatu nahi bada, beste inplikazio bat eman behar da beste maila batzuetan", gaineratu du. Moduak ez daude argi, bai ordea helburua, lanpostu ugari eta sektore anitza ordezkatzen duen industria aktibatu beharra dago, bestela izan pantaila anitzak, second screen aukerak, ikus-entzunezko mundua edo esparru digitala, oro har, erreferentziala izan daitekeen eta berezko izaera duen herri baten hegoak ebakita geratuko dira, sormenaren baldintza ezinbestekoa den askatasunaren pertsekuzio amaigabean. Helmuga zein den zehazki jakin gabe, gauzak probatzea eta egitea da herri bezala aurrera egiteko dugun modu bakarra. Esperimentu batek bestera eramaten gaitu eta tartean jakintzaz betetzen gara. Beste batzuk azkarragoak direla? Inguruari erreparatuz lasterka egiteak ere badu bere balioa, baina egin kontu, modu isolatuan ezin dugu aritu eta eskertzekoa litzateke norbaitek lasterketa horretan tarteka edatekoa emateko zeregina balu.
news
argia-5be0ae35d015
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/gizona-ez-da-emakume-hiltzen.html
Gizona ez da emakume hiltzen
Pablo Sastre
2015-10-11
Gizona ez da emakume hiltzen Esan bazuen, esan zuen , Parisko Simonek, emakumea ez dela emakume jaiotzen! Irakurtzen dugu Lizeoko lehen mailako Sciences de la vie et de la terre liburuan ( merci , Nancy Huston): "Ez gara gizon edo emakume jaiotzen; norberaren hautua da, bata izatea edo bestea". Eta, esan du norbaitek irratian: "Sexua norberarena da. Giza-espeziean ez da sexu bi". Sexu bi ez? –mutur mozka, nik–. Arrak eta emeak: bi besterik ez, geure portamenari buruz aurre-disponitzen gaituztenak; noski sozietateak edo norberak moldatzen ahal ditu disposizio horiek: oso landuak dira gure sexu-identitateak. "Berezko portamena, tu parles! Dena da fabrikatua! Generoak esplikatzen du guztia!".   Interesantea da sexua eta generoa bereiztea . Generoak matizatu, finkatu, areagotu, gozatu egiten du sexu-diferentzia. Sexu-diferentzietarik: gizonok, zenbait aldiz, mina izaten dugu urdail aldean, ezin larru jorik –antza emakumeek bestela bizi dute gauza–. Haratago: sexu-diferentzia basikoen ondorioa izaten ahal da emakume gutxi bide-peoitzan ari izatea, edo preso gehienak gizonak izatea –arlo horietan, eta beharrik, inork ez du parekotasuna defenditzen–. Orobat, sexu-diferentzia basikoen (basikoak, baina premiaz landu beharrekoen!) ondorioa izaten ahal da, euren jolasetan mutil koskor gehienek armak, eta neska koskor gehienek panpinak nahiago izatea. Bidezkoa da gure haurrak igualdadean hazi nahi izatea. Bidegabea da, aldiz, biologiaren indiferentzian hazi nahi izatea –berdinen arteko diferentzian haz litezkeelarik alabaina–. Igualdadearen kontrakoa ez da diferentzia, desigualdadea baizik. Igualdadeak ez ditu diferentziak ukatzen; justiziaren aurrean edo soldatetan edo tratuan, injustizia-eza esan nahi du. Ekibokatua egonen naiz baina , emakume baten ipurdiari jarraitzen dion gizon-begiradaren atzean (barrabil, prostata, zakil) sexu-aparatu bat ikusten dut nik, eta, emakumearen eder agertu nahiaren atzean, umetoki bat ikusten dut –eder agertu nahia ez da milurteetako sexismoaren ondorio; sexismoak, zinemak edo kosmetikako publizitateak haizematu, itxuragabetu, degradatu egiten dute baina–. Sexua eta generoa bereizten saiatzen garenez gero, saia gaitezke, bidenabar, bereizten berezko eder agertu nahia: emakume baten garboak adierazi dezakeena, eta ezarritakoa: emakume baten ileen eta zimurren kontrako ekinaldiak adierazi dezakeena. Sexu-diferentziak ezkutatzen dituen sozietate batean gara, aldi berean, edertasunaren eta pornografiaren industriei esker, diferentzia horiek ero-moduan handitzen dituena. Gure amatxiren panpina : bere aitak egin ziona, trapuzkoa, beretzat lagun on, edo haur, edo gure amatxik berak nahi zuena izan zitekeena. Harrezkero, panpina suerte bi: haurrarengan "ama instintua" pizten duena, bata, eta Barbie , bestea, "sedukzio instintua" pizten duena. Biak ala biak dira, azken batean, alienanteak. Zernahi gisa, mendebaldeak bigarrena hautatu du; bizi-zikloan, neska koskor panpinzaleen eredutako, aldi bat hautatu du: emakumea, eder eta desiragarria izanik, oraindik ama ez den aldia. Eder eta desiragarria: partikulazki, gizonen begietara. Gizonen begiradara sakrifikatzen den emakume bat ikus daiteke, emakume ilefobo bakoitzaren atzean. Gizonen desiretara plegatzen den emakume bat, puta bakoitzaren atzean. Eta emakumeen begiradak? Haien izateko, elkarrekin izateko, haien nahiak, gauzak egiteko manerak... ez dira, inondik ere, berdintasunari edo desiragarriei buruzko eztabaidetan agertzen. Emakumeen izatea gutxietsia den, eta, inork egiten dituela ere, etxe aldeko lanak, haurrekin egotea barne, desestimatuak diren bitartean... ez du balio berdintasunaz ari izatea. Emakumeen begirada diferenteak behar ditugu –batez ere, gizonok–. "Igualdaderik ez den bitartean, tratu txarrak izanen dira". Igualdadea: zer esan nahi da? Tratu justoagoa? Gizonak etxe aldeko lanetan gehiago (ez dirudi inoren lehentasunetarik denik) eta emakumeak kanpo-lanetan gehiago aritzea (bera bai, askoren lehentasuna)? Nik ulertzen dut: "Arrak eta emeak dauden bitartean, tratu txarrak izanen dira". Harro egin du balantzea ministroak: "Hamar urte hauetan (Espainian genero-biolentziari buruzko legea dekretatu zenetik) milioi bat baino gehiago gizon izan da tratu txarrengatik prozesatua". Nik ulertzen dut: "Gizonek tratu txarrak ematen dituzte". Tratu txarrak ematea gizon izateari lotuta dago; estatuak, zorionez, zuzenduko duen akatsa. Ez dut nik ukatuko (bestenaz, inork ez du argi eta garbi deklaratzen) gizonen biolentzia biologiari lotuta egon daitekeenik; alabaina: ez ote du, biolentzia horrek sozietatean gertatzen ari denarekin zerbait loturarik? Haur denborako tratu txarrekin?  –tratu txarrak: kolpeak eta abarrak ez ezik, abandono lasterrak: eskoletan, pantailetan, inon ere abandonatutako haurrak; nondik nora ez handian hazten direnak...– Zertako galdezka hasi, badugularik soluzioa: kartzela. Igualdadearen ideia, ez da jende naturalaren ideia; aspaldi mendebaldeko gizon aberatsek aldarrikatua, gizon haien aldarriari begira jarri ditu pobreak, emakumeak... Igualdadearen ideiak sorrarazi ditu sexuen arteko gatazka berriak. Euskaraz, bereizten ahal genuke: berdintasuna (etxe aldekoa: berdintasuna diferentzian) eta igualdadea ("gizon aberatsen igualak" izateko nahia). Igualdadearen bidetik heldu da parekotasuna: balizko problema bat konpontzeko, emakume batzuek botereguneetan toki bat izan dezaten instituzioek sortutako mekanismoa.     * Pablo Sastrek Erredakziora bidalitako artikulua.
news
argia-728fd3a3a145
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/ander-lipus.html
"Sail Ofizialean euskarazko bi film urtero, zergatik ez?"
Myriam Garzia
2015-10-11
"Sail Ofizialean euskarazko bi film urtero, zergatik ez?" Amama filmaren aurkezpen lanak eginda, antzezlan berria prestatzen ari dela hartu gaitu Ander Lipusek Kultur Leioan, Artedrama plataformaren egoitzan. Xabierren papera egin du Asier Altunaren filmean eta, aitortu digunez, zineman lan egitea arrotza ez bazaio ere, berarentzat gauza berria izan da. Oholtza gaineko lanagatik baita ezagunagoa Lipus. Berak zuzentzen duen Huts Teatro taldearen Etxekoak lan berriaren entseguetan buru-belarri sartuta dabil orain. Datorren azaroaren 1ean Luhusoko (Lapurdi) Harri Xuri aretoan estreinatuko da. Nola agertu zen Asier Altunarekin Amama filmean lan egiteko aukera? Garrantzi handia ematen diet pertsonei, nork eskatzen didan lan egiteko. Asier Altunarekin lan egin nuen lehenago lagin batean, Bertsolari dokumentalean, eta bere lan egiteko modua ezagutzen nuen; aurretiaz bazegoen halako feeling bat. Uste dut berak deitu zidala nire antzerkia maite zuelako, antzerkian lan egiten ikusi ninduelako eta gustuko zuelako. Ez nintzen inolako kastinetara joan. Xabi pertsonaia baserri giroko familia baten seme nagusia da, baserria utzi eta herrira joan dena, eta familia barruan alfer fama duena. Asierrek bilatzen zuen zama emozional eta sinbolikoari kontrapisua egiten dion pertsonaia da. Baduzu antzekotasunik Xabirekin, zure pertsonaiarekin? Bai, badut. Ni ere baserri giroan hazia naiz, belarra moztu beharra edota gurdia erabiltzea zer den badakit… Txikitako oroitzapenak dira. Xabi bezala, ni ere hiritartu naiz. Hala ere, egungo baserriko lana ez da lehengoa. Egun inor ez da bizi baserritik, ez Euskal Herrian eta ez munduan, esango nuke. Baserria galtzen ari den gauza da. Horregatik da esanguratsua filma. Hitz gutxiko pelikula izanda, dramatizazio lanean antzerkiaren lengoaia baliatu duzu? Nik faltan sumatu dut testu gehiago, baina ulertu dut Asierrek nahi zuena ere. Bere imaginarioan duen mundua kontatu nahi izan du, eta ezaugarrietako bat da oso bisuala den zerbait egitea. Zuzentzeko moduan ikusi da hori. Maisua da horretan, filma ikustean nabari da irudiak duen indarra. Irudiaren barruan, nola ez, aktore lana sartzen da, baina zinearen eta antzerkiaren hizkuntzek ez dute zerikusirik, nahiz eta biak antzezpena izan. Zinea neurritsuagoa da. Grazia egiten zidan zinean zurrumurrutan hitz egiten dela; aldiz antzerkian –are gehiago nire antzerkian– oso ozen. Zinean txikia dena, antzerkian handi egin behar duzu. Txikitasun horretan lan egiteko beharrezko izan dut Asierren lana. Eta ez berea bakarrik, zuzendaritzan laguntzaile izan duen Telmo Esnalek ere badu bere ardura, bikote berezia osatzen dute. Euskal zinea agerikoagoa al da horrelako filmei esker? Berri pozgarriak dira Zinemaldian aurkeztu izana eta izan duen oihartzuna, baina nik uste ez dela nahikoa, euskarazko film gehiago egin beharko liratekeela. Badira hainbat profesional horretarako prestatuta. Hau zerbaiten hazia izatea nahi nuke. Zergatik ez urtero Sail Ofizialean euskarazko bi film? Hala ere, mundu hau apur bat berria egiten zait. Gu teatroan publiko berria egiten ari gara, zuzenekoa da… Teatroa ezin da deskargatu [barre egin du]. Gurea ikustera etorri beharra dago antzokira, ez dago besterik. Oso gauza desberdina zinearekin alderatuz gero: zu zeu izan zaitezke egin duzun lanaren ikusle, sentsazio bitxia da. Eta ez dira bakarrik egiteko manerak, antzerkiaren eta zinearen publikoak eta merkatuak desberdinak dira. Antzerkiari dagokionez, ez zara geldirik geratzen diren horietakoa. Etxekoak antzezlanaren azken entseguetan ari zarete Huts Teatrokoak. Bizipen pertsonal batetik abiatu dut antzezlana. Kubatar batekin maitemindu nintzen eta berarekin ezkondu behar izan nuen hona etorri ahal izan zedin. Izugarrizko papeleoa egin behar izan nuen, diru asko gastatu, kontsulatura joan, elkarrizketak egin… Antzezlana nik bizi izandakoari buruzko gogoeta da. Jon Gerediagari eskatu nion zerbait idazteko istorio hau abiapuntu hartuta. Hiru urteko sormen prozesua izan da eta orain azken txanpan gaude. Istorioak kontatzen du nola Maggi Mamadurekin maitemintzen den, afrikarra eta beltza bera; eta Maggik etxean kontatzen du Mamadurekin ezkondu behar duela hura ekarrarazteko. Familiak hori nola hartzen duen eta hortik aurrera egin beharreko lan guztiak azaltzen ditu. Maika Etxekoparrek jokatzen du Maggiren pertsonaia, haren amamarena Kristiane Etxaluzek; eta bi osaba ere badaude, bata tontoa, Goio (Jabi Barandiaran) eta bestea neurotikoa, Imanol (ni). Familia berezi horri esker hainbat gauzaz hitz egin nahi dut: identitatea, immigrazioa, zer den kanpokoa, zer etxekoa… Bizi izan nituen zenbait gauza daude islatuta, gustuko dut-eta lan egitea niri benetan gertatutako gauzekin. Ez da Jon Gerediagarekin lan egiten duzun lehen aldia, Mina Espazioaren eta Antzerkiola Imaginarioaren sortzaileetako bat izan zen zurekin batera. Orduan berak idazten zituen antzezlan gehienak. Bere idazkera asko gustatzen zait eta maite dut nola harrapatu duen nik bizi izandako esperientzia. Denon artean kontatzen dugu istorioa eta oso gaurkoa da, zoritxarrez. Gogorra da nola jarri ditugun muga horiek… Zer da bertokoa, zer da etxekoa, zer gara gu, zer egiten dugu euskaldun bezala… Barne konfliktoak agerian geratzen dira. Bada ere sinbologia bat, bai nire antzerkian, bai Jonen testuetan, bai Asier Ituartek egindako musikan. Zerbait intimoa kontatu nahi dugu baina politikoa ere badena. Niretzat, nire obrak beti dira politikoak. Luhusoko Harri Xuri aretoan izango da estreinaldia, Artedraman ohikoa duzuenez. Murgilduta gauden sorkuntza prozesu honetan Euskal Herriko herri ugaritan egin ditugu egoitza artistikoak eta hori pozgarria da. Leioan, Luhuson, Itsasun, Zumaian eta Maulen egin ditugu entseguak eta horrek ematen dio izaera berezia. Euskal komunitatea osatzen duten herri askotan egon gara sortzen eta horrek euskal antzerkiari beste zentzu bat ematen diola uste dut. Sare hori bultzatzeak asko motibatzen nau une honetan. Horrela euskal teatroaren imaginario hori egiten ari naizela iruditzen zait.
news
argia-62d688dace9d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/mekako-erromesak-saudi-familiaren-beste-petrolioa.html
Mekako erromesak, Saudi familiaren beste petrolioa
Pello Zubiria Kamino
2015-10-11
Mekako erromesak, Saudi familiaren beste petrolioa Irailaren 24an 1.100 erromes –4.000 zenbait iturriren arabera– hil ziren Saudi Arabian Meka eta Mina leku santuen arteko Jamaraat zubian. Hiru egunez hiru milioi sinestun musulman egonak ziren bertan otoitzean. Mahomaren aginduz sortutako turismo fededuna, negozioa, erlijioa eta Saudi dinastiaren anbizioa nahasten dira Hajj festan. Zenbat hil ziren giza-luizian?  Sarreran 1.100 aipatu ditugun arren,  hasieran agintariek 700 aitortu zituzten. Beranduago kopuru hori eman diote New York Times egunkariari baina PressTV gunearen arabera une batez askoz zifra beldurgarriagoa ipini du Hamad bin Muhammad Al-Duweila osasun ministroak bere webean, 4.173... ordu batzuk beranduago informazio hori saretik kentzeko. Hondamendiari esker jakin dugu  askok irailaren egun horietan musulmanek ospatzen zutela Hajj festa. Hajj arabieraz erromesaldia da, Mahoma profetak bere jarraitzaileei emandako bost agindu nagusietako bat. Horretarako dirua eta osasuna duen sinestun orok gutxienez behin joan beharra dauka Meka eta inguruetan burutzen den peregrinaziora. Munduko beste inon ez da hainbeste jende pilatzen Hajj egunetan adina, musulmanen egutegiaren azken hilabetean. Hiru milioi inguru aurtengoan. Bertara joanek sei eguneko erritoak konplitu behar dituzte, Mina haraneko kanpalekutik Mekako meskitara eta Arafat mendira, eta beste gune sakratuetara joanez. Tartean, Jamaarateko zubitik harri txintxarrak botatzen dizkiete deabruak irudikatzen dituzten hiru harriri. Jamaaraten gertatu zen hondamendia. Bat batean norbait edo zerbaitek butxatu zuen bidea eta atzetik zetozenek oharkabean aurreko guztiak zanpatu zituzten. Pasabide estuan harrapaturik, bakan batzuek lortu zuten bazterreko sare edo hormetan gora eskapo egitea. Ez da argitu zerk eragin zuen triskantza. Riadeko agintariek Afrikatik etorritako erromesei egotzi diete errua, ez zituztelako aginduak bete. Aldiz, Libanoko Ad-Diyar egunkariak kontatu du leku hartan azaldu zela Mohammad bin Salman Al Saud printzea, 200 militar eta 150 poliziaz inguraturik, eta konboi honek blokatu zuela bidea Riadeko agintarien kontrako kritika gogorrak entzun dira. Zorrotzenak, Irandarrenak. Bestelako arazoez gain behin eta berriro errepikatzen baitira istripu larriak Islamaren santutegi nagusietan. Hamabost egun lehenago garabi bat amildu zen 100 baino gehiago hilaz Mekako meskitan. 2006an 336 hil ziren oraingoaren antzeko istripuan. 1990ean 1.426 hil ziren beste giza luizi batean, orduan ere oraingoan bezala hildako multzo handiena erromes irandarrek osatua zen. Baina antolakizun eskasa salatzeaz gain, Iranek eskatzen du mahometano guztientzat –Saudi Arabia erresuma sunita da, Iran nagusiki xiita...– santutegi sakratuok zaindu ditzala nazioarteko aginte batek. Ez du horretan amore emango Saudi familiak, Arabian bertan daukan boterea bezala munduko musulmanen artean daukan eragina jokatzen baititu Mekan. Fedea, dirua, geopolitika Hollywood baino hurbilago eduki arren europarrok apenas ezagutzen dugun Mekaren fenomenoaz informazio asko eskaini du Sylvia Chiffoleau historialari frantsesak La Vie des Idees gunean "Le pèlerinage à La Mecque: une industrie sous contrôle" artikuluan. Chifoleauk kontatu du nola 1957an lortu zuen Saudi Arabiak nazioarteko kontrola gainetik kendu eta Mekarako erromesaldiaren antolakizun osoa bere gain hartzea. Horren aitzakiatako bat, izurri arriskuak prebenitzea. XIX. mendean baporezko itsasontziak eta gero trena hedatzearekin indartu ziren epidemiak ere. 1865ean 90.000 hil zituen kolerak, Mekara joandakoen herena. Asiatik ekarritako gaitza fite iristen zen Europa eta Amerikaraino, eta alderantziz. Orduko aginte kolonialek berrogeialdi gogorrak ezarri zizkieten erromesei eta ingelesengandik independizatzean erne ibili ziren Saudi familiakoak leku sakratuen zaindaritza beren gain hartzeko. Gero hegazkina iritsi zen eta berarekin fededunak trumilka mundu osotik. 1850ean 2.000 heldu baziren Indonesiatik, gaur 200.000 heldu dira. Eta hori Riadek kuotak ezarri dituelako, bestela askoz gehiago letorke. 1987tik daude kuotak: herrialde bakoitzarentzako daukan milioi bat sinestuneko 1.000 baimen. 1990ean iritsi ziren erromesak milioi bat izatera, orain hiru milioitik gora dira. Txanda noiz iritsiko baimen zain daudenak, milioika dira. Mekarako bidaiak antolatzeko agentzia publikoak badira, eta pribatuak ere bai. Prezioak oso diferenteak dira herrialde batetik bestera. Frantziatik joateko kalkulatu behar da hiru asterako 5.000-6.000 euro hiru izarreko hotelean, 8.000 euro bost izarrekoan. Britainia Handitik merkexeago omen da. Antolatzailea gobernua denean, merkeago. Indonesiatik 2.400 eurotan ateratzen da bidaia, Tunisiatik 1.700ean. Zerbitzuak ere galga berekoak, hiru edo bosnaka bildurik gela bakoitzean, zerbitzuak ere hala moduzkoak askotan. Mugitzen diren dirutza horien zati bat Saudi Arabian geratzen da, noski. Baina sinestunen errege izan nahian Mahomaren askazikoak ez diren Saud dinastiakoek 1986tik Mekaren zaindaritzan oinarritu dute beren agintea, erregea santutegien zaindari izendatuz. Riadetik kontrolatzen dira baimen guztiak. Bertan egonaldia kontrolatzeko dauzka 100.000 polizia eta militar, 1.500 bideo kamera. Pasaportea kendurik, erromesak eskumuturreko zinta batek identifikatzen ditu, herrialdeka sailkatuta mugitu behar du, gertutik zaindua. Hamarkadotan arras aldatu da inguruotako paisaia. Eraikin, autopista, tunel erraldoi... 2000. urtean ekin zioten azpiegituren eraikitze harrigarri bati, tartean etxe-orratzak. 2012an hasi da hurrengo fasea:  400.000 metro karratu gehiagotan handituko dute meskita handia. Sylvia Chiffoleauk idatzi du: "Saudi Arabiak erromesaldia garatu nahi du bere alde turistikotik, begiak jarririk petrolioaren ondorengo ekonomia batean eta enpleguak nazionalizatzeko helburuari irtenbidea emateko. Baina proiektuok, zeinetan bat egiten baitute kitch estetikak eta erraldoikeriak,   eraikitzen dituzte hiriaren lehengo alde zaharra eta bere monumentuak suntsitzearekin batera". Mundu osoan gizarte musulmanak aldatzearekin ari da aldatzen Hajj erromesaldia. Klase ertainetako gazteek gero eta gehiago darabilte turismoa egiteko modu bezala. Sakratua eta profanoa nahastuz, kontsumismoz gero eta gehiago kutsatzen da peregrinazioa. Aldiz, berrikuntza da ere emakumeen parte-hartze gero eta handiagoa. Senarrarekin edo familiako gizonezko baten zaindaritzapean joan behar dute, hori bai. Baina "meskitetan emakumeak gutxi azaltzen diren bezala, erromesaldia aniztasunezko gunea da" dio Sylvia Chiffoleauk.
news
argia-98fb8357ddfb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/antibiotikoen-erabilera-desegokia-teoria-argi-praktika-ez-hainbeste.html
Antibiotikoen erabilera desegokia: teoria argi, praktika ez hainbeste
Jabier Agirre
2015-10-11
Antibiotikoen erabilera desegokia: teoria argi, praktika ez hainbeste Antibiotiko jakin batzuekiko erresistentziak asko gehitu dira azken hamar urteotan Europan. Gurea da erresistentzia-kasurik gehien detektatzen dituen herrialdeetako bat, dela antibiotiko gehiegi kontsumitzen direlako, dela haien erabilera axolagabearen eraginez. Erabilera desegoki horren ondorioak ikaragarriak izan daitezke infekzio larri baten aurrean. Zein da panorama ilun horri aurre egiteko bidea? Herritarrek oro har, eta batez osasungintzako profesionalek –haur eta gazteen infekzioen arloan aritzen direnek bereziki–, arazoaz kontzientzia hartzea. European Centre for Disease Prevention and Control erakundeak antibiotikoen arrazoizko erabilera sustatzeko kanpaina abiatzen du urtero. Botika horien kontsumo arduratsuak duen garrantziaz kontzientzia piztu nahi dute. ECDPCren arabera, 25.000 europarretik gora hiltzen dira urtero antibiotikoek eragindako multierresistentzia arazoengatik. Kanpaina horren aurtengo xede nagusia ospitaletan antibiotikoen zentzuzko erabilera sustatzea izan da, erabilera desegokiak ospitaleko egonaldia luzatzea eta asistentziari lotutako kostuak gehitzea ekar baitezake, infekzio larrietan hilkortasun-tasa gehitzearekin batera. Horrez gain, erresistentziak tratamendu antibiotiko egokiaren atzerapena dakar. Hala ere, hainbat herrialdetan antibiotikoen kontsumoaren %90 ospitaletik kanpo gertatzen da, kasuen %85ean arnas infekzioak tratatzeko, hilabeterik hotzenetan batik bat. Umetan antibiotiko gutxiago errezetatu Herrialde garatuetan, otitisa da haurtzaroan antibiotikoak errezetatzeko arrazoi ohikoenetakoa. Antibiotikoek infekzioen konplikazioak geldiarazteko eta susperraldi-prozesua bizkortzeko dituzten eragin onuragarriak ondo ezagunak dira. The Journal of the American Medical Association aldizkarian argitaratu berri den 1999. eta  2010. urteen artean egindako 135 azterketaren berrikuspen batek adierazten duen bezala, ordea, antibiotikoen preskripzioak askoz ere murritzagoa izan beharko luke. Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek egindako azterketa horren arabera, antibiotikoekin tratatutako haurren %4-10ek albo-ondorioak izaten dituzte, beherakoak edo azaleko gorriuneak nagusiki. Horregatik, adituek antibiotikoekin egindako tratamenduaren on-gaitzak baloratzeko gomendatzen dute, eta ez pentsatzea antibiotiko-marka berriek tradizionalagoak edo "zaharragoak" direnak baino emaitza hobeak lortuko dituztenik beti. Noiz eta nola hartu antibiotikoak? Gauza jakina da antibiotikoak bakterioek sortutako infekzioetan soilik direla eraginkorrak, eta ez birusek sortutako hoztura edo gripe kasuetan, ezta eztul eta eztarriko min kasu gehienetan ere. Hala eta guzti, gu gara Europako herrialde guztien artean era horretako osasun arazo ez hain larriak konpondu nahian medikuaren errezetarik gabe antibiotiko gehien hartzen dugunak, botika horiek behar diren kasuetarako ez gordetzeak dakartzan kalteak ondotxo ezagutu arren: erabilera desegoki horrek bakterioak erresistente bihur ditzake, eta hurrengo batean antibiotikoa emanez gero, gerta daiteke alferrikakoa izatea. Horregatik, antibiotikoak errezetatzeak profesional sanitario baten ardura esklusiboa izan beharko luke, eta ez gaixoak hartutako erabakia. Behin antibiotikoak hartzeko premia ziurtatu ondoren, beharrezkoa da kontsumoa arduratsua izatea, agindutako kopurua eta maiztasuna errespetatuz. Tratamendua amaitu ostean soberan geratutako botikak ez gordetzea gomendatzen da. Halaber, tratamendua ez da erdizka utzi behar, sintomak desagertu arren. Adituen iragarpenak beldurgarri samarrak dira: antibiotikoekiko erresistentziak egungo erritmoan hazten jarraituz gero, berandu baino lehen ez da gaixotasun jakin batzuentzat botika eraginkorrik egongo.
news
argia-1685af95455b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/bizi-baratzea-gure-kultura-iraultzen-ari-den-liburua.html
"Proba ezazu baratzea urtebetez eta gustatuz gero bizi osorako droga osasuntsua duzu"
ARGIA
2015-10-11
"Proba ezazu baratzea urtebetez eta gustatuz gero bizi osorako droga osasuntsua duzu" Bazen garaia! Horixe izan zen lehenik eta behin pentsatu genuena liburuaren berri izan genuenean. Bazen garaia, baratzezaintza zentzu zabalenean garatu daitekeen isurialde honetan berari buruz jardungo duen euskarazko liburu txukun bat izatekoa. Aspalditik jarraitu izan dugu Jakobaren tonu zorrotza eta liburuan antzeko tonua aurkitzea espero genuen. Baina, lehen aleaz jabetzean harridura puntu batek asebete gaitu. Izan ere, liburu honetan tonua gozo, lasai, heldu eta aberatsa nabarmentzen baita. Agian, lehen orrialdeetako adiskide zerrenda luzeak badu zerikusirik horrekin. Edozein kasutan liburua esku artean hartzen duenak baratzezaintza eredu aberats batekin topo egingo du, gure amonen jakintzaren zati batekin. Baratzearen atzean dagoen kultur gordailu horretan gure laborari ezezagun askoren trikimailu, hizkera, pentsaera eta kontzeptu ugari ezagutu ahalko dituzu. Batetik, baratzezaintza ekologikoaren oinarrizko jakintzak modu erraz eta ilustratu batean ageri dira. Bestetik, oinarrizko hainbat barazkiren fitxa interesgarriak ditu, landare bakoitzaren izaera, zainketa eta beharrei buruz, euskara txukunean; edozein momentutan kontsultatzeko moduan. Beraz irakurle horrek goza ezazu liburuaz baina batez ere bizi ezazu baratzea, sartu eskuak lurrean eta bete hatzetako azkazalak lur biziz. Proba ezazu baratzea urtebetez eta gustatuz gero bizi osorako droga osasuntsua aurkituko duzu. Eskuratu liburua sinaturik Bizi Baratzea Argian erosiz gero, Jakoba Errekondok eskuz sinatutako hitz batzuekin jaso dezakezu liburua. Egileak herriz herri ematen dituen hitzaldietan ere (ikusi ondoko zutabean non-noiz) baduzu sinaturik eskuratzeko aukera. Eskaerak: Salneurria: 23 € · Harpideentzat: 19,50 € & 943 371545 · www.argia.eus/denda · [email protected] Zure saltokian liburua salgai jartzeko, deitu.
news
argia-919e06974112
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/txanponaren-beste-aldeak.html
Betiko ofiziotik, haize berriak
Lander Arretxea
2015-10-11
Betiko ofiziotik, haize berriak Artezi Jarduera : Altzarien tapizatzea eta zaharberritzea. Kokapena : Eibar. Izaera juridikoa : Kooperatiba. Noiztik martxan : 2014ko irailetik. Kide kopurua : 2. --------------------------------------------------------------------------- Eibarko San Miguel de Aginaga kalean euren lanbidea eta lantokia aurkitu dute Norone Bizkarra eta Iratxe Artiach gazte durangarrek. Ez dute ordea berrikuntza eta start-up-ak sustatzen dituen gomendio sorta jarraitu. Erosi, erabili, bota eta berriro erostearen kultura horren errotua dagoen honetan, altzariak tapizatu eta zaharberritzen dituzte bertan. Eta oraingoz, oso emaitza onekin. "Gaur egungo kontsumo azkarreko ereduarekin aspertuta dauden adin eta era guztietako bezeroak etortzen zaizkigu, eta auzoan oso harrera ona egin digute". Transmisiotik abiatutako proiektua Ez dira urte asko igaro altzariak tapizatzearena ohiko jarduera zenetik. Eibarren bertan gutxienez bost lagun aritzen ziren lan horretan, bakoitza bere negozioarekin. Urteen joanak eta errelebo gazteagoen faltak ofizioa galbidera eraman zuen ordea, eta 82 urterekin jubilatzea erabakita, herria tapizatzailerik gabe utziko zuela uste zuen Serafinek. Orduantxe ezagutu zituen Iratxe eta Norone durangarrak. Zeharka izan zuten Serafinen egoeraren berri, eta bi aldiz pentsatu gabe erabaki zuten hari bisita egitea. Ez zitzaien gehiegi kostatu adostasun batera heltzea. Egindako tratuaren arabera, hiru hilabete igaro zituzten Serafin lagundu eta ofizioaren ertz guztiak ezagutzen: josteko makinak erabiltzen, altzariak desmuntatu eta berriro osatzen... "Diseinuan eta altzarigintzan aritutakoak gara, eta bagenekien zerbait gaiaz, baina tapizatzailearena lan artisaua da eta soilik eginez ikas daiteke". Hiru hilabeteren buruan, lanerako behar adina gaitasun pilatuta, alokairu merke baten truke negozioarekin jarraitu eta nahieran moldatzeko aukera eskaini zien Serafinek. Gogoz hartu zioten erreleboa bi durangarrek, eta geroztik eguneroko lanarekin ari dira frogatzen badagoela ofizio horretatik bizibidea ateratzeko modurik. "Ofizio asko ari dira pixkanaka galtzen, eta gazteontzat bada aukera bat horiei heltzea. Ez dugu zertan etengabe teknologia berriei begira egon, transmisioa eta besteen ezagutzak gureganatzea ere oso erabilgarria da". Berrerabilpenaren kultura Han eta hemen aholkua eskatu ostean, Artezi kooperatiba bihurtzea erabaki dute, horrela horizontaltasuna eta elkarlana etengabe mantentzeko aukera izango dutelakoan. "Proiektu honekin nahi dugu ahal dugun neurrian gure inguruan eragin, bai gure lan praktikekin, eta baita berrerabilpenaren kultura sustatuz ere". Zentzu horretan, susmoa dute gero eta jende gehiagok jartzen duela zalantzan kontsumo eredua, eta itzuli beharko litzatekeela urte batzuk lehenago zegoen joeratara: "Garai batean altzariak ia bizitza osorako ziren. Zergatik orain ez, zaharberritu egin badaitezke?".
news
argia-ab98823193b7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/kutsadura-historiaurreko-kobazuloetan.html
Kutsadura historiaurreko kobazuloetan
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-10-11
Kutsadura historiaurreko kobazuloetan Kutsadura bila, lau kobazulo aztertu ditu nazioarteko ikerlari talde batek: Atapuercako Gran Dolina, Gibraltarreko Gorhams' (argazkian) eta Vanguard, eta Priegoko (Kordoba, Espainia) El Pirulejo. Gran Dolinan aurkitutako kutsadura duela 450.000 urteko guano jalkinetatik dator eta, beraz, jatorri naturala du. Baina gainerakoetan kutsadura giza jarduerak eragin zuen. Gibraltarreko kobazuloetan neanderthalek piztutako suen ondorio izan zen, eta Kordobako Goi Paleolitoko leizean, aldiz, berunean aberats den galena erretzearen ondorio. Gaur egungo estandarren arabera, "metal astunez kutsatutako lurzorua" da kobazulo horietakoa, eta bertan bizi zirenenen osasunean eragina izango zuelakoan daude ikerlariak. Neanderthalak desagertzea bultzatzeraino?
news
argia-55c13a565bec
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/gaxi-gaxi.html
Gaxi-gaxi
Jakoba Errekondo
2015-10-11
Gaxi-gaxi Belar bat txarra dela diogunean zer esan nahi dugu? Nik argi daukat: erabilera egokirik ez diogu aurkitu oraindik. Hori gertatzen zaio barrabas-belarrari, Oxalis latifolia . Ez da polita, ez da jaten, ez da sendagai, ez da erritugai... Ez du "balio". Beste landareen artean enbarazu besterik ez du egiten... Kultura kontu soila da. Asia aldean ibili berria naiz eta hara non topo egin dudan barrabas-belarrarekin. Hilerri batean, joandako senideen ohorez apaingarri polita barrabasa. Alboko argazkian dotore ikusten da. Gure belar txarra, han dotoreena, ohorezko leku batean. Gero eta toki gehiagotan erabiltzen da apaingarri. Topatu diote-eta erabilera! Genero eta aldaera edo barietate ugari dago belar honetan: hosto gorrikoak, hosto gorri-berdekoak, lore zurikoak, lore horikoak... Estetika gustu eta disgustu ugari asetzeko adina. Gurean ere etxeko belarra dugula esan beharko genuke, batez ere urak Atlantikora isurtzen dituzten lurretako etxeetan. Belar petrala, txatxua bailitzan tratatu izan da; azak eta babak mendetan bete duten eginkizuna hartu du barrabasak. Eta txarra eta ugaria den guztiari bezala izen mordoa eman izan zaio, irainerako gaia izan da; bestea nolakoa den azaltzeko erabiltzen da: Txomin-belarra, Patxi-belarra, Lekeitio-belarra, Bermeo-belarra, Barrabas-belarra... Zalantzarik gabe azken izen hori da politena, barrabasa: mokoka aritzeari eta borrokari emana dena. Barrabas-belarra soroa edo baratzea garbi, belar arrastorik gabe, erakutsi nahi duenarekin ari da, etengabe, mokoka!   Beste era bateko izenak ere baditu belar honek: mingotsa, belar-mingotsa, hiruorri-mingotsa, bedar-garratz, mingospelar, mingarratz... Inoiz kosk egin dionak badaki ozpin punttu nabarmena duela; guk umetan makina bat probatua dugu artasoroaren babesean, gaxi-gaxia zela esaten genuen. Hortik izen mordo hori. Eta belar txar honen mingotsa izatea ontzat jotzen badugu? Belar mingots gisa ongarri bihurtzen badugu? Mahaian mingots punttu hori on bada, belar on izango da barrabasa! Hasi zure entsalada berritzen!
news
argia-2891bb0faf32
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/zerga-kontraerreforma-adegiren-zerbitzura.html
Zerga kontraerreforma Adegiren zerbitzura
Juan Mari Arregi
2015-10-11
Zerga kontraerreforma Adegiren zerbitzura EAJ eta PSEren esku dagoen Gipuzkoako Foru Aldundia, Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko zerga ezabatzear da. Zerga hura Bilduren gobernuak jarri zuen martxan 2013an, PSEren babesarekin, eta Ondarearen gaineko zergarekin baino %50 gehiago biltzea lortu zen. 2013ko kanpainan Gipuzkoako Ogasunak 57 milioi euro bildu zituen zerga berriarekin, aurreko urtean Ondarearen gaineko zergarekin, aldiz, 38 milioi baino ez ziren izan. Zergadunen %1 baizik ez zen egon zerga berria ordaintzera derrigortuta, eta 7.833 aitorpen horietatik, 7.718k abonatu zuten. Ordaindu beharreko batez besteko kopurua 5.855 eurotik 7.284 eurora igaro zen. Zergatik kendu nahi dute EAJk eta PSEk zerga hori? EAJk, oposizioan zegoenean esan zuen zerga horren erruz Gipuzkoako enpresariek herrialdetik alde egingo zutela. Egiaz, 2013an 49 enpresak baino ez zuen helbide fiskala aldatu. Jeltzaleen jarrera politiko horren atzean Adegi patronalaren presioa suma liteke. Elkarte horrek lobby moduan funtzionatu du kontraerreforma fiskala lortzeko. Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko zerga ezabatuz enpresa-eliteek pribilegio zaharrak berreskuratu nahi dituzte, desberdintasunak handituz. Modu horretan, Gipuzkoako aberatsek 60 milioi euro gutxiago ordainduko dute urtean, eta beti bezala, langileek ekarpen handiagoa egin beharko dute. Gipuzkoan inposatu nahi den zerga kontraerreforma honekin diru-bilketa txikiagoa izango da eta zerbitzu publikoei eta aberastasunaren banaketa justuagoari erasango dio. Zergei ihes egiteko bide berriak ere irekiko dira, ingeniaritza fiskala prest izango baitute askok. Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko zergak onurak ekartzen dituela frogatuta baldin badago, zer zor diote EAJk eta PSEk enpresa-eliteei? Azal diezaiotela herritarrei.
news
argia-2faf44213723
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2478/ibarretxe-eta-mas.html
Ibarretxe eta Mas
Xabier Letona
2015-10-11
Ibarretxe eta Mas 2004KO ABENDUAREN 30a , Eusko Legebiltzarrak Ibarretxe Plana onartu zuen Batasunaren ezinbesteko hiru botorekin –hiru alde hiru aurka–, honek aurreko aste eta hilabeteetan planaren aurkako jarrera argia erakutsi zuen arren. Ezustekoa tamainakoa izan zen euskal gizartean eta baita ezker abertzaleko oinarrietan ere. Onartutakoa EAEko Estatutu Politiko Berria zen, hemen bere oinarrietako batzuk: EAE herri bat da; erabaki eskubidea du; bere herritarrek erabakiko dute zein harreman nahi duten Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako lurraldeekin, hauetako herritarrek erabakitzen dutenaren arabera ere; botere judizial autonomoa; hala nahi zuenarentzat euskal pasaportea; harreman zuzena Europar Batasunean; euskal selekzioak; erabateko eskumenak ekonomian, hezkuntzan, osasunean, hizkuntza politikan, segurtasun publikoan, ogasunean eta beste hainbat alorretan. Ibarretxe lehendakariak Espainiako Legebiltzarrera eraman zuen 2005eko urtarrilean, baina estatutuaren erreforma eztabaidatzea ere ez zioten onartu PPk, PSOEk eta IUk. Esku hutsik iritsi zen Ibarretxe Euskal Herrira, aurreikusi moduan. Ezker abertzaleak ez zuen sostengatu, Ibarretxek ez zuen babes sendorik izan EAJren aldetik eta, batez ere, ez zuen euskal gizarte soberanista mobilizatu. Erregea bakarrik zen eta biluzik. Noiz ohartu ote zen hortaz? Urte batzuk geroago ezker abertzaleak bere egin zuen Ibarretxe Plana eta ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioetan erabili zuen eduki gisa. Areago, 2015ean ere banderatzat erabiltzen du EH Bilduk eta EAJri berreskura dezala eskatzen dio. Euskal soberanismoa Kataluniara begira dagoen honetan, irudika dezagun bestelako eszenatoki bat 2004ko Ibarretxe Planarentzat. Ezker abertzaleak sostengatzen du bete-betean eta bere indar politiko eta sozial guztia jartzen du haren alde; aldi berean, ETAk 2006an aldarrikatutako su-etena beharrean, 2011ko armen agurra iragartzen du. Bake prozesua abian jartzen da eta, aldi berean, Ibarretxe Plana dela-eta euskal soberanismoa haren defentsan ateratzen da kalera, EAJko oinarri oso zabalak harekin eramanez. Nola geundeke orain? Batek daki eta gainera erabat samurra da iraganeko orrietan norberak nahi dituen ibilbide orriak marraztea, baina hausnarketa eta amets egitea ere libre dira. CUP-EKO hamar parlamentariak egon litezke orain 2004ko abendu hartan Batasuneko 6 parlamentari –Josu Urrutikoetxea zen 7.ena eta ihes eginda zegoen jada– haien egoera antzerakoan. Dena da desberdina, jakina, baina CUPeko bi botok eman diezaiokete Kataluniako lehen gobernu independentistaren lehendakaritza Artur Masi edo ez. Pertsona bat ez da Estatutuaren erreforma oso bat, eta  gainera, Batasunak botoak eman bazizkion ere, egiazko babesik eman ez zionez, Ibarretxe garra itzaltzen joan zen apurka Ajuria Eneko gotorlekuan. Iñigo Urkulluk hartu zuen ondoren jeltzaleen lema, eta gaur, ezker abertzaleak eta beste sektore subiranozale batzuk Ibarretxe hura botatzen dute faltan.      KATALUNIAKO plebiszitu gaueko datu pozgarrienetakoa izan zen niretzat CUPen emaitza iragarri bezain harrigarria. Baina Junts Pel Sík bi diputatu gehiago ez izatea penaz hartu nuen; orain, bai CUP  bai JxSí beste egoera batean leudeke eta Mas barrutik eta kanpotik ezkerrerantz indar handiz bultzatzeko moduan, baina ataka honetan katramilatuta egon barik. Kataluniako hainbat sektore independentistetan uste da, aldiz, hobe dela JxSí ez iritsi izana 64 eserlekutara, hala bi korronteek akordio sakonagoetara iritsi beharko dutelako eta horrek prozesua indartuko duelako. Hala bedi, baina Masek azken bost urteetan egin duen ibilbidea ez da txantxetakoa, besteak beste, Kataluniako sektore autonomista oso zabalak independentziarantz bideratzea lortu duelako. Nork espero zuen halako ibilbiderik egingo zuenik? Batzuk bai eta gehienek ez, are gutxiago Euskal Herritik begiratuta. Argi da pertsona bat ez dela giltzarri, baina une batean guztiz lagungarri izan liteke. Mas, gaur gaurkoz, areago kereilaren ondoren eta Europar Batasunean duen irudiarekin, prozesuaren balantzan traba baino ekarpena da. Zein lekutan, ordea? Erabaki gaitza CUPek eta JxSík esku artean dutena. Ea hemen baino hobeto asmatzen duten.
news
argia-fb522c8e8b54
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/tolosaldeako-eta-urola-erdiko-mankomunitateak.html
Erraustegia egin nahi duen GHK SAU-k kiebra egin du
Estitxu Eizagirre
2016-11-27
Erraustegia egin nahi duen GHK SAU-k kiebra egin du Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) partzuergoko batzarkideak diren Tolosaldeako eta Urola Erdiko Mankomunitateetako ordezkariek (EH Bildu koaliziokoak) txosten tekniko eta finantziero bat zabaldu dute erraustegi proiektua finantzatzeko asmoa izan dezaketen banketxeen artean. GHK SAU-ren egoera ekonomikoa azaltzen da bertan. GHK SAU da GHK partzuergoak 2008an sortu zuen enpresa, eta berak du erraustegia egiteko eskubidea. Txostenaren arabera, GHK SAU-k kiebra jo du eta ARGIAk hitz egin du txostenaren egilearekin. Eta gertatzen bada GHK SAU-k ezin duela erraustegia egin, kiebra jota dagoelako? Erraustegi lanen lizitazioa egin gabe dagoen honetan, oraindik kontratua sinatu ez duten enpresei finantzazioa eman behar dieten bankuek galdera hori izan dezakete buruan. Izan ere, Tolosaldeako eta Urola Erdiko Mankomunitateek bankuetara bidali duten txosten finantzariak azaltzen du, erraustegia egiteko ardura duen GHK SAU kiebra egoeran egon daitekeela. Laburrean esanda, GHK SAU-k dituen ondasunak eta eskubideak gutxiago direla bere kontabilitatean adierazten dituenak baino, eta aldiz, dituen zorrak eta betebeharrak handiagoak direla kontabilitatean islatzen dituenak baino. GHK SAU porrot ekonomikoaren ondorioz disolbatuko balitz, horrek ekarriko luke zorraren eztabaida lehertzea: GHK SAU enpresak bankuei zor dizkien swapen kargu nor egingo litzateke, GHK partzuergoa? Horrela izan dadin lotu zituzten gauzak bai bankuek eta baita GHK-k ere, konpromiso kontratu en bidez. Baina ez dago garbi konpromiso kontratu hauen baliagarritasuna, eta ezta ere ea swapak ordaintzen jarraitu beharko litzatekeen, nork ordaindu beharko lituzkeen eta zein kopurutan. Galdera horiek denak epaitegitan argituko lirateke. Bestalde, GHK SAU porrot ekonomikoaren ondorioz disolbatuko balitz, erraustegia egiteko lizitazioa ren pleguak berriz atera beharko lirateke, oraingo pleguetan GHK SAU agertzen baita kudeatzaile. Pleguak berriz atera behar izateak esan nahi du eraikuntza lanak hilabeteetan atzeratzea. Jarraian dituzu zehatz GHK SAU-ren gorabehera ekonomikoak eta artikuluaren amaieran GHK SAU ixteko aukerak eta ekarriko lituzkeen ondorioak. GHK SAU-ren Ondare Garbia eta Kapitala Elkarte Anonimoen Espainiako Legeak agintzen du Ondare Garbi positiboa behar duela sozietate batek; Ondare Garbi negatiboa duen sozietatea disoluzio egoeran jarriko litzatekeela. Eta Ondare Garbia zer da? Ondare Garbia = Aktiboa minus Pasiboa da. Aktiboa dira ondasunak eta eskubideak. Pasiboa dira hirugarrenekiko zorrak eta betebeharrak. GHK SAUko administrazio kontseiluak martxoaren 30eko batzarrean onartu zuen Ondare Garbiko Egoera Aldaketa dokumentuan (ikus goiko irudia) bere Ondare Garbia kalkulatzen du 678.026 eurotan. Hori da duen marjina, disoluzio egoerara ez joateko. Eta bere kapitala –bere jabeak, alegia, GHK kontsortzioak, jarritako dirua, GHK SAU martxan jartzerako– milioi bat eurokoa da. Bankuetara zabaldu den txostenaren arabera, hau berez, jada, egoera arriskutsu bat da. Sozietateen Legeak esaten baitu kapitalaren erdia baino gutxiago denean Ondare Garbia, jada arazotan zaudela (kapitala murriztu beharrean). Izan ere, kapitala da hartzekodunek daukaten bermea: Kiebra joz gero, "ardura mugatua" dute enpresek, eta muga kapitala da. Tolosaldeako eta Urola Erdiko Mankomunitateek bankuetara zabaldu duten txostenak dio, ordea, pasiboa dena baino txikiago eta aktiboa gainbaloratuta daudela GHK SAU-k batzarrean onartutako dokumentu horretan. Eta beraz, egoera errealean Ondare Garbi negatiboa duela. Ikus ditzagun, banaka, puztutako eta txikitutako kontzeptuak. Bankuek eskatzen diotena baino 32,3 milioi euro gutxiago kontatzen du GHK SAU-k bere zorra Gogoratzen 2011n GHKren lehendakari Carlos Ormazabalek La Caixa eta Banestorekin erraustegiaren lehen finantziaziorako sinatutako swap a? La Caixak sinatu aurretik egin zion testak ondorioztatu zuen "ez zuela ezagutzarik ez esperientziarik, produktu finantziero honek ekarriko zituen arriskuak ebaluatzeko". Astebetera errepikatu zioten testerako bai, beharrezko ezagutza eta esperientzia pilatuak zituen, nonbait, eta berak sinatu zituen swap kontratuak. Swapa kontabilitatean pasiboa da, elkartearen betekizuna da. Bankuek swap horrengatik eskatzen duten diru kopuruan (67,8 milioi euro) kontabilizatuz gero zorra, GHK SAU-k jada Ondare Garbi negatiboa izango zuen. Zer egin zuen 2014an, EH Bilduren esku zegoen GHK SAUk? Deribatu finantzieroetan Espainiako aditu nagusietako bat den Prosper Lamothe (Ekonomia Finantzieroan katedraduna) kontratatu zuen. Lamothek, 2011ko kontabilitate arau berrituak aplikatuz, swapen pasiboa balio errealetan estimatu zuen. Horrek jada eragin zien auditoreei marka bat jartzea: "Kontuz, zu ari zara esaten zure pasiboa dela 15 milioi euro gutxiago bankuek eskatzen dutena baino". 2015ean ez dute Lamothe adituaren laguntzarik izan. Oraingoan GHK SAU-k berak egin du kalkulua eta bankuek eskatzen dietena baino 32,3 milioi euro gutxiagoan kalkulatu du zorra, auditoreek egindako txostenean ikus daitekeenez. Auditoreek "salbuespenekin" onartu dute pasiboa era horretan murriztu izana –salbuespenak esan nahi du auditoria ez dela bustitzen balorazio horretan baina jakinaren gainean jartzen duela elementu hori hor dagoela–. Baina eman dezagun baietz, GHK-ko administratzaileek arrazoi dutela, eta pasiboaz eurek egiten duten balorazioa zuzena dela. Azter dezagun aktiboa: ongi kalkulatuta dago? Aktiboan, aldiz, aurreikusi gabeko TMB proiektua ere kontatuta dago Urteko diru kontuetan dago aktiboaren informazioa (ikus beheko argazkia). 2014an eta 2015ean kontabilizatu dituzte aktibo gisa Tratamendu Mekaniko Biologikorako ( TMB ) plantaren ikerketa eta ingeniaritza lanak, 1,8 milioi euroan. Kontabilitateak dio aktiboan sar daitezkeela, etorkizunean sarrerak sortuko dituen eskubide eta ondasunak. Baina eskubide edo ondasun horrek ez badu etorkizunean sarrerarik ekarriko, hori aktibotik kendu eta galeretara eraman behar da. TMBa aktiboan sartu dute, eta ez dute egitea aurreikusia, oraingoz. Ondare Garbiaren 678.026 eurori 1,8 milioi euro kenduta, -1.121.974 euroko Ondare Garbi negatiboa luke GHK SAUk. Eta kapital soziala milioi bat eurokoa denez, kiebra egoeran legoke. Baina bankuetara bidalitako txostenak, aktibo bihurtutako beste 8,3 milioi euro ere zalantzan jartzen ditu. Aurreko legealdian, EH Bilduk erraustegia ez egitea erabaki zuenean, GHK-ren urteko kontuetan aktiboan zeuden erraustegiaren ingeniaritza lan guztiak, 8,3 milioi euro, galeretara joan ziren. Orain GHK SAU-k, galeretara eraman zen ingeniaritza lan hori guztia berriro aktibora pasa du, erraustegi proiektua berriz martxan dagoenez. Horraino logikoa da dena. Baina bankuetara bidalitako txostenak zalantzan jartzen du aurreko erraustegi proiekturako egin ziren lan guztiak %100ean baliagarriak izango direnik oraingo erraustegi proiektua egiteko; jakina baita proiektua aldatu egin dela, dimentsio txikiagoak izango dituela... Egiteko asmorik ez dagoen TMBaren ingenieritza lanak (1,8 milioi euro) eta erraustegi proiektu zaharrarenak (8,3 milioi euro) batuta, 10 milioi euro aktibo bihurtu dituzte GHK-ko bazkideek, jakinik ez direla errealak. 2016an zor handiagoa Orain arte azaldutakoarekin, aktiboan kontabilizatutako 10 milioi euro zalantzazkoak dira eta pasiboan kontabilizatutako beste 32,3 milioi euro zalantzan jarri dituzte baita auditoreek ere. 42 milioi euroko zorra izateko arriskua du GHK SAU-k, beraz, 2015ean. Zulo horri gehitu behar zaio 2016an GHK SAU-ren aktiboa 46 milioitan murriztu egingo dela. Zergatik? GHK SAU-k erraustegia egiteko duen eskubidea (aktibo ukiezina), obra lizitatutakoan kontratatutako enpresena izatera pasako delako. Obra lizitatzeko pleguetan aktibo hau 46.465.730 milioitan baloratzen da. Beraz, 2016an GHK SAU-ri bere Ondare Garbia 46 milioitan murriztuko zaio. Txosten finantziero honen eragina erraustegiaren obren lizitazioan Urola Erdiko Mankomunitateak eta Tolosaldekoak txosten honen bidez jakinaren gainean jarri ditu bankuak. Beraiek direlako hartzekodunak eta beraiek izan daitezkeelako hurrengo proiektuetako finantziazio iturriak. Lizitazioko pleguetan iragartzen da lehiaketa irabazten duen enpresak bankuekin beste swap bat sinatuko duela. Pleguen arabera, 240 milioi euroko beste mailegu bat finantzatu beharko dute bankuek. Oraindik ez da erraustegia egiteko kontraturik sinatu eta beraz, bankuei helarazitako informazio honek izan dezake eragina obren lizitazioan. Txostena bankuetan mugitzen aritu den taldeak jakin duenez, bankuak finantzaketa osoaren abala ari zaizkie eskatzen erraustegia egin nahi duten enpresei. Alegia, edozein gauza gertatzen dela ere diru hori %100ean itzuliko diola eraikuntza enpresak. Hori finantzaketan aurrez ikusi gabea da. GHK SAU desegiteko beste motibo bat: Arrazionalizazio Legea 2013an Espainian Montoro ministroak ateratako Arrazionalizazio Legea aplikatuz gero, azken hiru urtetako emaitzak negatibo izatea ere itxiera arrazoi bat da. Lege hori 2013ko abenduaren 1ean atera zen eta bazuen salbuespen bat, elkarte merkantila izan edo ez, eta administrazio izaera zutenei aplikatzen zioten aipatutako legea. 2013an legea atera zenean, GHK elkarte merkantil gisa zegoen erregistratuta eta beraz, ez zitzaion lege hori aplikatzen. Baina 2015eko abuztuan, Espainiako ministerioak Europako irizpide berriak aplikatuz, GHK SAUri administrazio izaera eman dio eta beraz, lege honen arabera itxiera arrazoi dira azken hiru urteetako emaitza negatiboak (ikus urteko kontuen koadroa). GHK-ko bazkideek aukera dute batzarrean sozietatea ixtea eskatzeko, beraz. GHK SAU ixten bada zer? GHK SAU milioi bakarreko kapitala duen sozietate anonimo bat izanik, zaila da sinistea bankuek 2011ko mailegu eta swapk handiak sinatuko zituztenik, horiekin batera kontsortzioa lotzen zuen "konpromiso kontratua" sinatu ez balitz. Sozietateak kiebra eginez gero beren dirua bermatuko duena lotu nahi izan zuten, maileguekin batera beste kontratu bat ere sinatuta. Kontratu horretan bankuek estu hartu nahi izan zuten administrazio publikoa, beren dirua arriskuan ez jartzeko. Gure iturriaren arabera, "hain estu hartu zuten, kontratu horretako hainbat baldintza estuek kontratu hori nuloa bilakatzeko arrisku nabarmena dagoela". Hau honela, administrazioek (Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek) zor horri aurre egin beharko lioketen edo ez, eta bakoitzak jarri beharrekoa zenbatekoa den, eztabaida epaitegietan bukatuko litzateke, ezinbestean. Gainera, esleitzeke dauden erraustegiaren lanen pleguetan kudeatzaile ezarrita dagoenez GHK SAU, plegu berri batzuk beharko lirateke, erraustegia egitekotan.
news
argia-0817e5b02e47
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/aktore-ziren-haiek.html
Aktore ziren haiek
Eneko Olasagasti
2016-11-27
Aktore ziren haiek Zer dira aktoreak besteen larruan sartzen diren pertsonak izateaz gain? Askorentzat luxu eta famaren Olinpoan bizi diren izakiak dira. Izaki eta ez gizaki. Horrexegatik zinemaldian euskarazko pelikularen bat erakusten denean euskal aktoreak alfonbra gorria zapaltzen ikusi nahi ditugu, dotore, egoerak nonbait hala eskatzen duelako, eta irribarretsu, berau zanpatzeak derrigorrezko zoriontasuna omen dakarrelako. Urrun, goian imajinatzen ditugu, eta ez direla beraiek pentsatzen dugu supermerkatuko ordain ilaran ikusten ditugunean, jite triste eta ilunarekin kreditu txartelean geratuko zaion saldoa zenbatekoa izango den kalkulatzeko ahaleginean. Duela egun batzuk Euskadi Irratiko Amarauna saioan izan nintzen aktoreen lan ezaz hitz egiteko. Aitzakia AISGEk (Artista Interpretariak, Gestio Elkartea), aktoreen eskubideak defendatzen dituen elkarteak, argitara emandako inkesta baten datu lazgarriak. Inkesta horren arabera hirutik bik ez dauka lanik. Zenbakiak. Euskal Aktoreen Batasunean (EAB) 400dik gora aktore daude, horrek esan nahi du 250etik gora aktorek ez duela lanik. Zenbaki potoloak. Zein babes ederra diren zenbakiak izen eta abizena duten hezur-haragizko historiak ezkutatzeko. Izen eta abizen zehatzak. Besteak beste, ETBko Goenkale eta beste telesailetatik pasatako dozenaka aktorerenak. Non ote daude orain? Agian supermerkatuko ordain ilaran ezagun egiten zaizun aurpegia, eta ez dakizu zergatik, horietako bat da. Eta, gainera, zenbaki horietan beren burua oraindik aktoretzat dutenak daude. Zenbat ez ote den bide bazterrean aspaldi geratu?  Orain dela ez asko, ez dut uste orduan hau idazteko ausardia izango nuenik, bi-hiru urte oso txar pasa nituen. Lanik ez eta zintzurreraino zorpetuta, kalean jendearekin topo egitean, eta ohituraren kontra, "zer moduz zaude?" galderari "oso gaizki" erantzuten nuen. Harridura eta deserosotasuna marrazten ziren bestearen aurpegian. "Baina zu… ez da posible". Olinpon, ETBn ez esateagatik, biziko nintzela usteko zuen ziurrenik. "Ez, ez da posible zuk lanik ez edukitzea", segitzen zuen. Eta nik, "ba, bai, posible da eta gainera, 50 urtetik gora izanik, berandu da beste edozertan hasteko". "Egia da, bai", erantzuten zuten, "gainera zuen arloan gogorragoa izan da". Elkarrizketa haiei bukaera ematea artikulu hau idaztea bezain zaila izaten zen. Bueno, gaur ez daukat lanik eta ez dakit zer egin… Kreditu txartela esku dardaratiz hartu dut eta supermerkatura noa. Ikusten banauzu egidazu kasu. Ilusioa egiten du.
news
argia-21b34fbf8df8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/jone-goirizelaia-eh-bilduko-parlamentaria.html
"I�igo Cabacasen familiak ikusi du instrukzioa ez dela inpartziala izan"
Mikel Asurmendi
2016-11-27
"I�igo Cabacasen familiak ikusi du instrukzioa ez dela inpartziala izan" Arabako Alea-k antolaturik, SolasAlean saioa izan zen hil honen 11n, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean; ARGIArekin elkarlanean. Berria-ko Edurne Begiristain kazetariak eta artikulu honen egileak EH Bilduko parlamentari eta abokatu Jone Goirizelaia elkarrizketatu genuen. Publikoak ere galderak egin zituen, baita Iñaki Goirizelaia, Gemma Zabaleta eta Koikili Lertxundik ere. Solasaldia oparoa eta goxoa izan zen. Hona hemen, jasotakoaren mustra bat. 1990etik 2005era legebiltzarkidea izan zinen. Hamaika urte geroago itzuli zara Legebiltzarrera. Zein oroitzapen dituzu? Gaztea nintzen eta emakume bakarra. Instituzio batean sartu nintzen lehen biderrez, beldur handiz sartu ere. Garai hartako egoera politikoa oso konplikatua zen, hainbat biolentzia espresio zeudelako. Ezker abertzaleko kideok egoerari irtenbide emateko lanean ari ginen, herri gisa dagozkigun eskubideak lortzeko herriari hitza eman beharra aldarrikatzen genuen. Asko ikasi nuen eta ez diot ikasteari laga. Orduko eta oraingo egoera ezberdinak dira, baina gure helburu politikoak ez dira aldatu: Euskal Herriak bere buruaren jabe izatea. Zein da itzuli izanaren arrazoi nagusia? Buruan duzuna ez duzu sekula albora uzten. Batzuetan lehenengo lerroan zaude, bestetzuetan atzerago, baina beti lotura zuzena duzu lortu gura duzunarekin. Eta horri hauxe gehitu behar diot: Arnaldo [Otegi] kartzelan zegoenean, sarritan joaten nintzen bisitaz. Egun batean, berriz ere Legebiltzarrera itzuliko ginela esaten genion elkarri. Besteak beste, lotura eta erreferente politikoak ez galtzeko. Hau da, ezker abertzalean ari garenok, gure estrategiaren aldaketa eta politika egiteko moduak zergatik aldatu ditugun ongi azaltzeko jendeari, betiere helburu berberak lortzeko. Arnaldok bere izaera baikorra transmititzen dio ondoko jendeari. Daukagun esperientziak eragina du politikan, eta unea iritsita, ezin nion ezetzik esan. Zein da Eusko Legebiltzarrean nabaritu duzun aldaketa garrantzitsuena? Legebiltzarkideen arteko harremana. Lehen, jende guztiek hitz egiten genuen baina ez modu naturalean. Inkomunikazio politikoa nabarmena zen. Egun, denekin ez dugu berdin hitz egiten, baina aldaketak izan dira. Hitz egitea funtsezkoa da, parlamentu hitzak dioenez hitz egiteko tokia delako. Horrek egoera areago aldatzea eta akordioak lortzea espero dut. Hala ere, aldi berean, parlamentari batzuek duela hogei urteko egoerara eraman nahi gaituzte. Adibidez, Borja Semperrek Espainiako Konstituzioari zin egitea eskatzea. Baina, non gaude? Semper gaztea da, ez da Carlos Urquijo. Beraz, badago zer aldatua. Sorturen birfundazio prozesuaren ostean ezker abertzalea benetan birsortuko al da? Guztion eskuetan dago hori lortzea. Sakon eztabaidatu ostean, "politika beste modu batez egin behar da eta jende guztiarekin gauza guztiak egiteko kontatu behar dela" ondorioztatu genuen. Horrek Sorturen egituran aldaketak ekarri behar ditu, lan egiteko moduan aldaketak, baita bidez bide kanpoan geratu direnak ere integratzea. Prozesua horren saiakera da: zelan lan egin jendearekin auzoetan eta herrietan, zelan transmititu gure helburuak. Erabakitzeko modua landu behar dugu, hori ondo egiten badugu, ezker abertzalea gizarte osorako aukera politiko ona izango da. Bost urte bete dira Aieteko Adierazpenetik eta ETAk jarduera armatua utzi zuenetik. Batzuen ustez, erabaki hori askoz lehenago heldu behar zen. Zure iritziz? Ez dut uste eztabaida puntu horretan jarri behar dugunik. Puntua beste toki batean dago: gu politika egiten ari gara gizarteak aukera politiko berriak izan ditzan, Euskal Herria beste modu batean eraikitzeko. Analisia egoera politikoaren arabera egin behar dugu eta erabakiak horren araberako hartu, betiere, politika egokiena aurrera eramateko eta herritarrek beren eskubideen jabe izateko. Ezker abertzaleak Aieteko Adierazpena eman zedin asko lan egin zuen. Bere estrategia aldatu eta antolamenduen egitura aldatu behar zirela erabaki zuen, baita denok hori onartzea eta elkarrekin egitea ere. Erabaki funtsezkoa izan zen. Hausnarketak eta erabakiak ekarri gaituzte gauden tokira, ezker abertzaleak bere erabakiak hartu zituen eta ETAk bereak. Nik hor jarriko nuke inflexio puntua. "Zenbat manifestaziotan izan dira zaurituak, begiak galduak eta hildakoak? Rosa Zarra, esaterako. Kasu horiek babestuak eta estaliak izan dira, ez dira argitu" "Cabacas auzia"-ren abokatua zara. Oztopoz betetako bidea dela salatu duzu maiz. Bagenekien ez zela erraza izango, hasieratik ikusi genuen gertatua argitzea zaila izango zela. Normalean, Ertzaintzak kamerak daramatza horrelako gertaeratara, bada, kasu honetan eraman zituzten, baina ez zituztela piztu diote. Kalean kamerak izaten dira, Kirruli Herriko Taberna aurrean ere bai, baina, gau hartan ez. Areago, justu beherago kamerak martxan ei zeuden. Normalean irudi horiek auzitara eramaten dira: armak, bala-zorroak eta pilotak ikertzen dira, bada, kasu honetan hori ez da egin. Ertzaintzaren diligentziak zabaltzen dira, bada kasu honetan horiek ere ez. Ezkorra zara, beraz. Dauzkagun bitartekoak geuk landutakoak dira, han egon zen jendearen lekukotasunak, bertakoek grabatu zituzten bideoak… Harrigarria da gero, fiskalak argipenak aurkitzeko prozedura bultzatu beharko luke. Kasuon fiskalak ez ditu diligentziak eskatu, ez ikerketarako proposamenak egin ere. Ordea, Ertzaintzaren defentsak esaten duenarekin egin du beti bat. Jaurlaritzak kasurako izendatutako abokatuak ez du ezer egin, egin duen bakarra akusazio partikularraren eskariz egin du, eta oztopoak jarriz betiere: "Ezin da ezer egin, kasua sekretupean dagoelako". Uneon sei pertsona daude inputatuta. Baina horiek ez zuten beren kabuz jokatu, aginduz baizik. Aginduak Ugarteko delakoak eman zituen. Eskatu dugu bera inputatzea, hark deklaratzea, baina epaileak dioenez, berak ez zuen ezer esan, ez egin. Kontua da Ugartekok aginduak eman zituela, hori grabatuta dago: "Zoazte Herrikora, hartu posizioak, sakabanatu jendea, sartu zaitezte duzuen guztiarekin". Nik uste, Ertzaintza ez epaitzea erabaki dutela. Badirudi barnetik laguntza dutela, epaileen ingurukoek komentatu digutenez, oso garbi dute beren iritzia: ez dute helegiterik onartuko, kasua artxibatuko dute. Iñigoren familiak instrukzioa ez dela inpartziala ikusi du. Gure ustez, datu eta elementu nahikoa dago epaiketa egiteko. Baina azken hitza dutenak ez dira horren alde. Gizarteak ez du hori ulertuko ez onartuko. Epaileen  jarrerak ez luke bidea oztopatu beharko. Jaurlaritzak auzia aurrera joan dadin prest dagoela dio, baina... Eusko Jaurlaritzaren jarrera zein izan da, zehatzago esanda? Aurreko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko buru Rodolfo Aresek ez zuen ezer bidali epaitegietara, polizia txostena izan ezik. Ez zuen ikerketa zabaldu, eta gainera Ertzaintzaren abokatuak Iñigo buruan kolpatu zuena ez zela pilota bat izan, baizik eta kezko lata bat izan zela planteatu zuen hasieran. Forentseak ez zuen hori onartu eta orduan estrategia aldatu zuen. Ez dute funtsezko ezer egin, ohikoa besterik ez dute esan: istiluak egon zirela, pertsona batzuk kaputxaz ibili zirela... Inork ikusi ez zituen gertaerak sartu nahi zituzten beren estrategian. Oraingoek, berriz, "hori aurreko gobernua zegoenean gertatu zen", diote. Justizia eta Espainia hitzek zer esanahi dute zuretzat? Zentzugabekeria. Justiziak eta Espainiak ez dute bat egiten. Gauza bat da hitza eta beste bat tribunaletan izaten dena. Espainiako Entzutegi Nazionaleko epaietan erabaki politikoak agerikoak dira. Lehenengo eta behin, ez dakigu zein den izendatutako tribunala, epaileak artifizialki izendatuak izaten dira helburu eta gauza konkretuetarako. Epaituen inkomunikazioa darabilte helburu horiek lortzeko, defentsako abokatuok ez dugu euren eskubideez hitz egiterik. Zoritxarrez, gaur egun ere egitura eta pertsona berak daude, beraz, hori ez bada aldatzen ez dago justizia egiterik. Euskal Herriarekiko aldaketa izatea zaila da, antza. Guk aldaketa gauzatu dadin justizia trantsizionala landu nahi dugu, baina ez dute onartzen. Estrasburgoko Auzitegitik torturari buruzko ebazpen asko etorri dira, auziak ez direla behar bezala bideratu diote, baina ez dute kasurik egin. Adibidez, Garzon epaileak Bateragune auzibideko inputatuak [Otegi, Jacinto, Zabaleta, Rodriguez eta Diaz Usabiaga] zigortuak izateko, ETA eta Batasuna egitura berekoak zirela argudiatu zuen. Urte batzuk pasa ondoren, judikaduratik kanpo dagoenean, Garzonek "hori ez zen egia, epaia ez zela horrelakoa izan behar" esan du. Hara, bera epailea izan zen! Zer justizia mota da hori? Justizia Euskal Herriaren markoan, berriz, nola ikusten duzu? Nola gerta eta zertaz ari garen arabera. Auzi batzuetan justizia antzean dago. Hemen ere, poliziak prestatu dituen txostenak onartu behar izan dira urte luzetan. Printzipioz, poliziaren eta herritarren hitzek balio bera izan behar lukete, baina tribunaletan ez da horrela izaten. Poliziarenak askoz pisu gehiago dauka, egoera soziopolitiko zehatz batean egon garelako, gizarte sektore batek eta alderdi batzuek babes politiko hori eman diotelako. "Cabacas auzia" ezaguna da, Iñigo hila delako. Baina, Euskal Herrian zenbat manifestaziotan izan dira zaurituak, begiak galduak eta hildakoak? Rosa Zarra, esaterako. Kasu horiek babestuak eta estaliak izan dira, ez dira argitu. Askotan, arerio politikoek "zergatik ez duzue injustizia hau edo hori salatzen?", galdetzen digute? "Eta zuek, horiek?", erantzuten diegu. "Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da. Une egokia litzateke Ahotsak mugimendua berrabiatzeko" Ahotsak mugimenduko sortzaile izan zinen 2006an. Sentsibilitate askotariko emakumeak bildu zituen. Egun beharrezkoa ikusten duzu halako ekimenik? Posible litzateke orduko kideak batzea? Ez dakit orduko egitura bera baliagarria den egun, baina orduan sinatu genuen testua baliagarria da. Izan ere, emakumeek egungo egoera sozio-politikoa aldatzeko geure rola jokatu behar dugu, negoziazioetan genero ikuspegiak presente egon behar du. Mugimenduak segitu beharko luke, areago arrazoi gehiagoz testuinguru politikoa aldatu delako. PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia barne? Idoia Mendiak Ahotsak-en oinarrizko agiria sinatu zuen. Orain "autodeterminazio eskubideak ez du izatetik" dio. Eta 2006an bai? Hala ere, ez da galdutzat eman beharreko pertsona. Hitz egin behar dugu, nik uste dut orduko jarrerara itzul daitekeela. Ez bera bakarrik. [PSE-EEko] Rafaela Romero, [PPko] Laura Garrido eta Arantza Quiroga ere inguruan ibili ziren. Emakumeek ekarpen berezirik egin diezaiokete politikari? Emakumeok beti zubi lana egin dugu, etxetik hasita: borrokak daudenean bitartekoak izaten gara arazoak konpontzeko. Ez dakit gure izaeraren baitan dagoen, baina gutxienez, gauzak egiteko modu bat praktikan jartzen dugu. Hainbat arazotan erakutsi dugu egoera desblokeatzeko gauza garela, zubiak jartzeko eta beste modu batez lan egiteko. Ahotsak-en ikasi nuen gauzetako bi hauexek dira: besteak esaten duena entzuteko kapaza bazara, eta besteak gauza bera egiten badu, beti dago puntu bat akordioak lortzeko. Bigarrena, akordio hori lortzen duzunean, atzera pausorik ez dago, aurrera joateko aukera zabaltzen da. Artean, aukera hori landu eta zabaldu behar da, une aproposa heldu denean baliatzeko. Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da. Une egokia litzateke berriz ere, Ahotsak mugimendua edo haren antzekoa berrabiatzeko.
news
argia-2597910a2577
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/lardaskan-beroarena-kentzen.html
Lardaskan, beroarena kentzen
Jakoba Errekondo
2016-11-27
Lardaskan, beroarena kentzen Udazkenak badu gatz bizigarri berezi bat. Nire sasoi honetako saltsa ederki nahasten duen broia-makila izan ohi dira urri-azaroak. Eguraldiak ikaragarri harrotzen du egoera hau. Bazen garaia eta etorri da freskura; hezetasunak bere onera dakar gure paisaia, eta hotz apurrak udako harropuzkeriei beroarena kentzen die. Haizeen borrokek bakoitzaren txokoa non dagoen gogorarazten dute, "pasa txokora" esanez bezala... Horrela, gainezka jartzen dira zoko, bazter eta ipular, hosto, zurikin, azal, adar eta abarreko gorpu, gorpuzkin, hilotz eta hiliki metak balira bezala. Zikulu-saltsa ederra; lan ugaritan lardaskan, gustukoa zait oraingo hori. Uztaren emanak bete ditu mandio eta ganbara, eta oraindik zer jasoa ere bada: kiwi, kuia, mizpira, gorde-sagar, arto... Basoan ere lana besterik ez da. Inaurkinetarako garoak ( Pteridium aquilinum ) etxeratzeko garaia bukatzen... Iraila edo garoila tokitan da. Aurrea dantzatzen berandu jarraitzen duenak su-egurra ere etxeratu dezake: pagoa ( Fagus sylvatica ) eta beste. Hostailari eusten dioten zuhaitz eta zuhaixkak landatzeko sasoia da. Baita, soiltzen direlako, neguan sartzearekin landatuko ditugunentzako zuloak egitekoa ere. Etxe inguruan burua joateko adina hauste izango da. Hotzari aurre egiteko gai ez diren landareei babesa eman beharko diegu. Ontzietan irauten dutenak aterpera, teilatu hegal azpira edo hormaren kontrara mugitu. Lurrean bizi direnei berezko babesa eraiki beharko diegu: txapitulatxo bat, edo gerria eta adar nagusiak oihal-zapiz bildu eta lotu (zitrikoek bereziki maite dute...). Baratzean egin beharrekoaz zertzelada batzuk: laboreak erein, baita baba ( Vicia faba ) eta ilarra ( Pisum sativum ) ere, landatu tipulatxa ( Allium cepa var. agregatum ), arabarba ( Rheum rhabarbarum ), marrubia ( Fragaria sp. ) eta udaberrian loratuko diren idi-bihotza ( Tulipa sp. ), mugeta ( Convallaria majalis ), nartzisoa ( Narcissus sp. )... Izan ere, lanak egiteko aldarteari "azaroa" deitzen zaio, sasona edo sasoa. Nemesio Etxanizek idatzi zuen: "Udazkenean azaroa ta udaberrian baratzea loretan".
news
argia-ae823ad95e11
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/euskal-presoen-lanak-zentsuratu-ditu-donostia-2016k.html
Euskal presoen lanak zentsuratu ditu Donostia 2016k
ARGIA
2016-11-17
Euskal presoen lanak zentsuratu ditu Donostia 2016k Espetxeetan eta zentro psikiatrikoetan dauden pertsonek egindako lanak biltzen dituen erakusketa batetik erretiratu ditu antolakuntzak euskal presoei zegozkienak: "Biktimei min eman diezaiekegu". Zentsura erabili du Donostia 2016k Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak erakusketan, eta hala onartu du gainera. Gaur estreinatu dute artelan bilduma eta aurkezpenean Pablo Marte komisarioak berak salatu du gertaturikoa, Donostia 2016ko arduradunak bertan zeudela. Pablo Berasategi hiriburutzaren zuzendariak eta Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak onartu dute euskal preso politikoek egindako zenbait obra kendu egin dituztela, ez lana bera iraingarria edo polemikoa delako, zentsura erabili dute egilea zein den kontuan hartuta, "biktimei minik ez egiteko". Erretiratutako marrazki, koadro eta ikusentzunezkoen ordez paper zati txuri bat jarri dute, hutsunea "ikusgarri" egiteko. Donostia 2016ren erabakiak kritika eta erreakzio andana ekarri du eta sare sozialak dira horren erakusgarri: Pablo Berastegiren ergelkeriaren estultuziaren ezgatzezpiperrren eta epelkeriaren biktimok ezin dugu ezer zentsuratu? — Rikardo #EginHerri (@rikardoarrillag) November 17, 2016 Oso larria da erakusketa bateko komisarioek, arduradun politikoen aurrean, zenbait obra zentsuratu direla salatu behar izatea #ZentsurarikEz — EHBildu Donostia (@HiriBizia) November 17, 2016 Galdera bat: Zentsuratu ez dituzten lanen egileek ez ote dute biktimarik? — ibonrg (@tiutaka) November 17, 2016 Francoren bilobari gutuna antzerkilana zentsuratu zuten. Presoen lanak zentsuratu dute. Elkarbizitza? #giltzapekoak eta #memoria arriskutsu — gaztelumendi (@iPatxi) November 17, 2016 Beste preso guzti horien biktimarik ez ote da? Ez ote dute enpatiarik merezi? Ala agian ez dute sentsibilitaterik? Eta presoek ere ez noski! https://t.co/HtyxjXQLy2 — karmele albisu (@karmelealbisu) November 17, 2016 Hara! Eta erakusketako beste presoek ez dituzte biktimak? Orduan, zergatik daude espetxean? https://t.co/dBe9PU5OGc vía @berria — Arantza SanSebastian (@arasanse) November 17, 2016 #LEKURIKGABE @DSS2016 zuen zentsura. Beste presoek ez dute biktimarik? Ze zentzu du orduan erakusketak, zentsuraren argudioei jarraiki? — ⇜Peruʇzio⇝ (@Perutzio) November 17, 2016 Zentsura ez da bide zintzoena bakearen hiria eraikitzeko. Zentsurarekin ez dakit zer hiri egin nahi den. https://t.co/3FdekqpdzD — Urtzi Urkizu (@urtziurkizu) November 17, 2016 Zentsura demokratikoa. #giltzapekoak #memoria @DSS2016 elkarbizitza... pic.twitter.com/m6Kqf7tGKE — gaztelumendi (@iPatxi) November 17, 2016 EITBko irrati batek "zentsura" hitza erabili badu EAJ-PSE bikoteak zuzentzen duen erakunde baten inguruan... Oso agerikoa izan da!! https://t.co/IVOV2TE3yZ — Asier Azpilikueta (@aazpilikueta) November 17, 2016
news
argia-033b400af343
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/biji.html
Bij�!
Oihana Etxebarrieta
2016-11-27
Bij�! Erdogan Turkiako presidenteak 370 elkarte feministatik gora itxi ditu. Kurdu herriaren alde ari diren HDP alderdi politikoko kideak espetxeratu ditu azken hiletan. Ilegalizazioak, espetxeratzeak, zentsura… Ez da giro ez Turkian, ez Kurdistanen. Albiste gogorrak heltzen zaizkigu, heltzen zaizkigunean. Nahi baino gutxiago dakigu eta nahi baino gutxiagotan azaltzen diogu Turkiako gobernu faxistari gure aurkakotasuna. Kezkagarria da, azken urtean hainbeste miretsi dugun herri kurdua jasaten ari den zapalketaren aurrean daukagun mobilizatzeko kapazitate eza. Armak hartuta, borrokan zeuden PKK-ko kideak sareetan etengabean goraipatu ondoren, ez gara egungo egoeran sufritzen eta erreprimitzen ari direnen ondoan egoteko kapazak. Kezkagarria da ere, errefuxiatuak Greziatik erauzi eta Turkiara eramateko akordioak sinatu dituzten gobernu horiek guztiek duten epeltasuna. Oinarrizko eskubideak etengabean zapaltzen dituen gobernu batek, nolako harrera egingo die antzeko egoeratik ihes egin duten pertsona horiei guztiei? Ba al dakigu nolakoak diren kontzentrazio-esparruetan bildu dituzten errefuxiatu horiek guztiak? Ardura gurea ere bada, zurea eta nirea. Prest al gaude zerbait egiteko?
news
argia-383a0d30061c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/marga-iniguez.html
"Sormena zerbait biologikoa da"
Mikel Garcia Idiakez
2016-11-27
"Sormena zerbait biologikoa da" Salamancako Béjar herrian jaio zen Marga Íñiguez, duela 72 urte, eta horietatik 50 daramatza sormenari buruzko hitzaldi, tailer eta aholkulari lanetan, nekaezin. Aurretik, telebistan hamarkada batez aritu zen (tartean, 'La Bola de Cristal' saio iraultzailean). Euskal Herrian izana da behin baino gehiagotan; guk Ozaetan harrapatu dugu, Araban, Garaion sorgingunean. Zure hitzaldiek lelo garbia dute: "Sormena, premiazko eskubidea". Sormenaren garapen eta sustapenean lan egiten dudanetik, beti esan dut sormena eskubide bat dela, eta premiazkoa dela. Pertsonek eta herriek gure singulartasun eta nortasun propioa izateko dugun eskubidea da, gure estilo propiotik transformatzeko eta aurrera egiteko. Eta premiazkoa da, prekarietatearen, sufrimenduaren eta planeta suntsitzen ari garen garaiotan soluzio berriak aurkitu behar ditugulako, arazo berriak sortu gabe. Eta soluzio horiek aurkitu daitezke pertsonok dugun imajinatzeko eta bide berriak irudikatzeko gaitasunagatik. Batzuetan, ez dago 180 graduko bira eman beharrik, 10 graduko birak aldaketa handia sor dezake. Industria Aroa izan genuen, ondoren Informazioaren Aroa eta Jakintzaren Aroa. Orain, Imajinazioaren Aroaren txanda da. Zuk imajinatzen duzuna ez da nik imajinatzen dudana, eta ondasun hori izango da abiapuntua. Sormena artera eta kulturara mugatzen dugu maiz. Sormena globala da eta maila asko ditu. Erabakitzea, soluzio baten alde egitea eskatzen du sormenak eta egunero ari gara erabakiak hartzen. Batzuek besteek baino garatuago dute, baina sormena zerbait biologikoa da, gizakiak sortzaileak gara eta etengabekoa da gure bilakaera. Erabakitzea, imajinatzea, bestelako errealitateak amestu eta egia bihurtzea, norberaren zigilua jartzea… da sormena. Eta arlo batzuetarako joera handiagoa izan dezakegun arren, guk geuk esparru guztietara zabaldu beharko genuke gure indar sortzailea, gainera sakonean dena dagoelako lotuta, adibidez musika matematikarekin, koloreekin, hitzarekin… Ezer ez da isolatua eta itxia. "Erabakitzea, bestelako errealitateak amestea, norberaren zigilua jartzea... da sormena. Imajinazioaren Aroaren txanda da" Denok baldin bagara talentudunak, potentzial handia dago hor… Sormen indibidualaz gain, adimen kolektiboa dago, 2+2 ez direlako 4, emaitza izan daiteke 40 edo 100.000, sortzen diren sinergia eta harremanengatik. Besteekin hartu-emanean ari zarenean, kultura berria sortzen zoaz eta gizartea bera da sortzaile. Jendearen talentua eta parte-hartzea sustatzea da gakoa, eta halako esperientzien bidez auzoa eta komunitatea berpiztea eta elkartzea lortu duten adibideak badira. Hemen, Euskal Herrian, ekintza eta auzolana dituzue oinarri; bide horretan oso urrutira iritsi zaitezkete. Ideia batzuk pentsatuz datozkigu, beste batzuk sentituz (emozioekin lotura handia baitute ideiek), eta beste hainbat eginez edo hartu-emanez. Euskal gizarteak batik bat eginez funtzionatzen du; horregatik, hainbatetan ideiak ateratzeko euskaldunak bildu eta pentsatzen jartzen direla ikusten dudanean, eredu anglosaxoiak errepikatuz, esaten diet teknika sortzaileak bertako metodologiara egokitu behar direla (ekintza eta auzolana). Tristea da, hutsegitea eta inmorala, ditugun gaitasun horiek guztiak gehiago ez garatzea, herri baten Barne Produktu ez Gordina herritarren talentua baita. Mundu guztiak du talentua, denok jaiotzen gara zerbait oso ondo egiteko, zerbait berria sortzeko gaitasunarekin, eta hori alferrik galtzen da. 50 urte pasatxo daramatzat arlo honetan lanean, eta oraindik ez dut ezagutu ahalmen sortzailerik ez duen inor. Bai ezagutu ditut mespretxatuak izan diren pertsonak, euren burua autozentsuratu eta gutxietsi dutenak, barruan daramaten guztia komunikatzen eta adierazten jakin ez dutenak… baina talentu gabekorik ez. Arazoa da ez dela sormen hori sustatzen, ez hezkuntzan, ez hedabideen bidez, ezta horretarako espazio aproposak sortuz ere. Jende sortzailea mespretxatzen eta gutxiesten da, hortaz? Historiak berak erakutsi digu sortzaile handiak askotan ez direla aintzat hartuak izan, denbora bat pasa arte, hainbatetan sortzailea bera hil ostean. Aldaketari beldurra diogu, barneratuta ditugun parametro batzuen barruan mugitzea oso erosoa delako eta sortzeak esan nahi du dena auzitan jartzea, zure mundua kolokan jartzea eta arrisku bat hartzea, eta maiz nahiago dugu dena oso markatuta izan, horrela ez dugulako ahaleginik egin behar eta segurtasuna ematen digulako. Maitatua izateko, gainerakoek egiten dutena egiten dugu maiz, "arraroa" edo "ezberdina" ez izateko. Eta txikitatik gertatzen da hori, zoritxarrez. Horregatik, beharrezkoa da norbera izateko aukera emango duten espazioak eta giroak erraztea, aniztasuna eta elkarren arteko interakzioa bultzatuko dutenak. "Sortzea gure mundua kolokan jartzea da". Aurrerapenak ematen direnean, arau bat apurtu duzu, beste bat sortzeko. Kaosaren teoria litzateke: dena oso ordenatuta dagoenean, azkenerako hilda bezala daude gauzak; kaosa eragin behar da, zerbait berria sortzeko. Naturak ere hala funtzionatzen du. Arauak urratzea oso inportantea da, sortzeko klabeetako bat desikastea delako, zaharkituta eta iraungita geratu zaizkizun kontzeptu eta jarreretatik askatzea. Horrek ez du esan nahi tradizioari uko egin behar zaionik, aurreko belaunaldiek pentsatu eta sortutako ondarea da tradizioa, aurrera egiteko behar dugun oinarria, baina hari kateatuta geratu gabe. "Eredu neoliberala sormen kontzeptua kontrolatzen saiatzen den unetik gure buruari galdetu beharko genioke: sormena zertarako?" Nola garatu sormena? Niretzat, teknikak baino inportanteagoak dira atmosferak, sortzen lagunduko duten giro eta espazioak ahalbidetzea. Jendearengan sinestea da gakoa, ulertzea parean duzuna berdingabea dela eta aukera emanez gero ekarpen handiak egin ditzakeela. Norberaren kasuan ere berdin, gure buruarengan konfiantza izan behar dugu, kontzientzia hartu behar dugu zenbateraino eman dezakegun. Hortik aurrera, pasioa da motorra, ekiteko indarra emango diguna. Lehen esan bezala, arrisku bat den heinean ausardia ere behar da. Eta adorea, kemena, ziurrenik kritikatuak izango garelako, edo huts egin eta berriz ekin beharko diogulako. Imajinazioa, jakina, funtsezkoa da, beste errealitate eta mundu posible batzuk ikusteko; denak balio du imajinazioan, utopiak barne. Mahai bat irudikatzeko eskatu eta inork ez du mahai bera irudikatuko, ñabardura ezberdinak izango ditu norberarenak. Azkenik, saiatua izatea ere garrantzitsua da, tematia, eta ez naiz esfortzuaz ari, esfortzu hitza ez zaidalako batere gustatzen, zigor kutsua du. Enpresa munduan modako hitza da "berrikuntza", eta hainbatetan badirudi haren izenean edozerk balio duela. Gizarteak aurrera egiteko beharrezkoa da berrikuntza, kontua da berrikuntza hori nola planteatzen den, eta egia da sarri berrikuntza berrikuntzagatik baino ez dela egiten, aurretik sormena landu gabe, eta berrikuntzaren hazia sormena da. Sormena lantzen duen taldea, bilatu gabe ere berritzailea izango da beti. Arazoa da, merkatuan salgarria den kontzeptua izanik, aditu homologazioa duen hainbat iruzurgilek negozioa egiten duela, berrikuntzari buruzko tailer txatxuak antolatuz. Oso ikuspegi anglosaxoiarekin, gainera. Egungo gizarte neoliberalean, sormena helburu ekonomizistekin erabili eta berau debaluatzeko arriskua al dago? Bai, gainera boladaka doa. Hain juxtu, sormen interesatua modan egon zen duela urte batzuk. Azken finean, eredu neoliberala kontzeptua kontrolatzen saiatzen den momentutik gure buruari galdetu beharko genioke: sormena zertarako? Sormenak ez du zertan ongiari lotuta joan, torturatzaile bat oso sortzailea izan daiteke egiteko horretan, imajinazio handia izan dezake besteak sufriarazten. Ikuspegi etikoa kontuan hartzea komeni da. TVE telebista katean aholkulari pedagogiko aritu zinenean, besteak beste La Bola de Cristal saio apurtzailean hartu zenuen parte. Saioko zuzendari Lolo Ricok ARGIAn esan zigun askatasuna zela saioaren mezua, norbere kabuz pentsaraztea. Sormenak berak zerikusi handia du askatasunarekin. Bai, eta ez bakarrik askatasunez pentsatzearekin, gure singulartasuna pentsatzera, sentitzera eta egitera dagoelako lotuta. Are gehiago, pentsamendua beti ez da zurea, beste batek pentsatu ahal izan du zure ordez, baina sentimendua zurea da, guztiz. Barne-askatasunarekin du zerikusia sormenak: kartzelan preso egon zaitezke eta sortzen jarraitu, eta kalean egon baina zeure buruaren kartzelaria izan zaitezke, oso autokritikoa zarelako, zure eskema zurrunetan sartzen ez diren ideiak baztertzen dituzulako, ingurukoek zuregandik espero dutena egiten duzulako… "Zeure kartzelaria izan zaitezke, oso autokritikoa zarelako, zure eskema zurrunetan sartzen ez dena baztertzeagatik, ingurukoek espero dutena egiten duzulako..." Egungo telebistak, norberaren askatasuna eta singulartasuna bultzatzen al du? Amorru handia ematen dit ikusteak jakintza handitzeko, mundu berriak ezagutzeko eta gizarte berriak sortzeko hain baliagarria izan daitekeen tresna nola erabiltzen den jendea tenteltzeko. Eta hezkuntza sistema nola ikusten duzu? Izan ere, badirudi txikitan sormena gehiago lantzen dela, marrazketa eta eskulan bidez, ipuinak asmatuz, jolastuz... eta adin batetik aurrera hori guztia eten egiten dela. Ez pentsa, batzuetan txiki-txikitatik zapuzten dute haurraren irudimena, eta alderantziz, koxkorxeagoen irakasle zoragarriak ezagutu ditut, ikasleengan sinesten dutenak eta haien sormena loratzeko estrategiak garatzen dituztenak. Arazoa da sarri hezkuntza sistema bera dela lanketa hori mugatzen duena, Lehen eta Bigarren hezkuntzan hainbestekoa baita burokrazia eta lan gehigarria, irakasleek ez dutela denborarik benetan eskaini behar diotenari eskaintzeko, ikaslearen probokatzaile izateari, haren talentua ateratzeko bide-lagun izateari. Hezkuntza eredu kastratzailea da, planifikatua, denak bide eta eduki berak aldi berean jorratzera bultzatzen dituena, irudimena, autonomia, norberaren sormena lehenetsi ordez. Irakasleentzat, aholku bakarra: maitatu gabe ezin da irakatsi, hezkuntza maitasun ekintza bat delako eta ikaslea ez duzulako heziko, ikasle hori maite ez baduzu, harengan konfiantzarik ez baduzu. Hizki larriz diot hau. Haurrez ari gara, baina adinekoen kasuan ere, uste duzu euren sormena kimatzera jotzen dugula, adin batetik aurrera agortuta balute bezala? Hori egitea sekulako galera da, esperientzia metatuz goazelako, eta bizitza osoan sormena lantzen joan denak, zenbat eta zaharrago izan orduan eta garatuago izango ditu gaitasunak. Adinekoek sortzen segitzen duten seinale, Espainian abiatu duten plataforma: Sortzen Jarraitzeko Eskubidearen Alde. Jubilatua bazara, ezin duzu egile eskubiderik kobratu liburu bat, pelikula bat edo beste zernahi egiteagatik, eta horren kontra ari dira borrokan. Ez baita logikoa, akzioak baldin badituzu, edo ondasun higiezinak edo auskalo, orduan bai, pentsioa eta gainerakoa ere kobratu ahal izatea, baina sortze lanaren kasuan ez. EUSKAL KULTURA ABERASTEKO SORGINGUNEA Sortzeko gakoa giroa, atmosfera bada, gure sen sortzailea pizteko Garaion leku ezin hobea dela azpimarratu du Íñiguezek. "Ikuspegi bikaina duen gunea da: natura eta artea nola lotzen duten, sortu nahi duen edonor etorri ahal izatea, adina edo arloa dena delakoa izanda ere. Egun batzuk daramatzat hemen eta jende oso interesgarria ibili da hara-hona: musika taldea osatzeko elkartu nahi duten neska batzuk, ikuskizun bat antolatu nahi duen mutil kuadrilla bat, esperientziak partekatu dituzten feministak… Sukalderaino sartzen da jendea, etxean baleude bezala, eta horrek asko balio du, hartu-emanerako eta sinergietarako sekulako aukera ematen du". Garaion sorgingunea Ozaetako baserri handi batean dago, Araban, paraje ederrean. "Sorkuntza espazio bat da, sortzaileei zuzendua, haien sorkuntza lanak, ikerketak eta esperimentazio berrien bizipenak bultzatzeko; eta horren bidez, komunitatean sormen gaitasuna pizteko, euskaraz, euskal kulturaren imaginarioa aberasteko", diote proiektukideek. Amaia Gabilondo, Julia Lopez eta Ainara Arrietak gidatzen dute egitasmoa. Ezkerreko irudian, Marga Íñiguez eta Amaia Gabilondo, solasean. Eskuinean, Garaionen eraiki duten arto-labirintoan barna.
news
argia-25f24168b898
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/widia-lariviere-autoktonoa-eta-harro.html
"Kanada eta Quebeceko autoktonoon errealitateaz jakineza da nagusi"
Jenofa Berhokoirigoin
2016-11-27
"Kanada eta Quebeceko autoktonoon errealitateaz jakineza da nagusi" Kolonizazio eta asimilazio basatiaren eraginez, Kanada eta Quebeceko herri autoktonoak krisi identitario sakonean direla deitoratzen du Widia Larivierek, aita quebectarra eta ama algonkindarra duen gazteak. Hala eta guztiz ere, azken urte hauetan harrotasun sentimendua berriro loratzen ari dela dio: "Egia da kolonizazioagatik eta arrazakeriagatik laidoztaturiko nortasunari bestela begiratzen hasi direla anitz". Baikorki begiratzen dio etorkizunari Larivierek. Quebec mailako Idle No More mugimenduaren sortzaileetan zara. 2012 urteko udazkenean sortu zuten mugimendua lau emakumek, hiru autoktonok eta kanadar batek. Arbasoengandik ditugun eskubideak urratzea eta gure lurraldeak kaltetzea zekartzaten lege proiektu batzuk oztopatzeko antolatu ginen. Mugimendua laster hedatu zen Kanada guztira. Zapalkuntza eta kolonizazio historia luze batek eragin kexu gorriaren gorpuztea da Idle No More. Emakumeak dira lehen lerroan. Kolonialismoa patriarkatuarekin eskuz esku doalako marka dea? Egia da emakumeok ginela mugimenduaren buruan; izan ekintza antolatzaile ala bozeramaile, beti emakumeok ginen lehen lerroan. Naturalki egin zen. Arrazoia argia da: kolonizazioak betidanik emakumeak hunki ditu gehiago; autoktono izateaz gain emakume izateagatik erronka gehiago ditugu gainditzeko. Patriarkatuarekin errimaturik da kolonizazioa. Emakumeok ez gara behar den heinean ordezkatuak instantzia politikoetan, ez egitura federaletan ezta autoktonoenetan ere, kolonizazioa aitzin zeukaten boterea galdurik dutelako. Horregatik gara egitura politiko kolonialetarik kanpo aktibo, galdutako boterea berreskuratu nahi dugulako. Kolonizazio horren kontzientzia zein heinetakoa da autoktono ez direnen artean? Quebectarren partetik ez ezagutze anitzi aurre egin behar izan dut, gure kultura eta errealitateen jakineza da nagusi. Gurea ez da eskolan irakatsia, historia kurtsoetan izugarri gutxi aipatzen da. Aurreiritzi arrazistak eta diskriminazioak ondorioztatzen ditu ezjakintasun horrek. Baina uste dut, hala ere, egoera hobetuz doala, besteak beste Idle No More mugimenduak kontzientzia hartzea ondorioztatu zuelako. Autoktonoon aferei buruzko irekidura handiagoa nabari da, errealitatea hobeto ezagutzeko nahikeria bada. Hasiera eman zitzaion egoera berri bati. Autoktono eta ez-autoktonoen artean dauden paretak hautsi nahi baldin baditugu, horren alde azkarki lan egiten segitu behar dugu. Autoktono izatearen harrotasuna berpizteko tresna ere izan zen Idle No More. Kolonizazioagatik eta arrazakeriagatik laidoztaturiko nortasunari bestela begiratzen hasi dira anitz. Bai, benetan harrotasun sentimendua berpizteko balio ukan zuen eta hori sekulakoa da. Harrotasuna eta norbere komunitatearen alde inplikatzeko desioa eragin zuen gazte anitzen baitan. Adibidez, horren isla izan zen Cris populuko gazte batzuek Quebec iparretik Ottawa arte egin Nishiyuu martxa. Noski, aldarrikapenak entzunarazteko egin zuten martxa, baina lanketa pertsonal identitario bat egiteko ere balio ukan zuen. Gazteak autoktono izateaz harro direla erran zenezake? Mailaz mailako aldaketa gertatzen ari da. Urte luzeetan ezertarako balio ez dugula eta desagertu behar dugula entzun izana ez da eraginik gabekoa izan. Krisi identitarioan gara. Hori dela-eta, nortasunari buruzko galdeketa betean dira asko. Baina uste dut baikorki eta harrotasunez berreskuratu nahi dutela anitzek autoktono nortasuna. Identitate hori berriz definitzen ari gara. Garai bateko erregimenak ondorioztatu eraginak pairatu arren, gerorantz begira gaude. Modernitatean bizi gara, gure kultura eta hizkuntzak bestelakotzen gabiltza, beti sustraiak zainduz. Zinezko konfiantza badut gazterian, geroa gure eskuetan hartzeko gaitasuna dugulako. Garai batean bezain begi-bistakoa ez izan arren, genozidio kulturala oraindik hor da. Ez ditugu gure gurasoek eta aitona-amonek pairatu trauma bortitzak bizi izan, baina ondorioak jasaten ari gara. Barnetegien bidez egin genozidio kulturalaren eraginak pertsonalki bizi ditugu. Hizkuntza eta kulturaren transmisioa kolokan dago eta babesteko zein berpizteko behar gorria hor dugu. Zein da zure iduriko urgentziazko desafioa ? Galdera ona da eta anitz daudela erran nezake. Autoktonoon autodeterminazio eskubidearen urraketa dugu arazoaren muinean, betidanik gobernuekiko harreman kolonialista, desorekatu eta paternalistan garelako. Autodeterminazio eskubide hori errespetatua ez deino, desberdintasun politikoak izanen dira. Arlo sozialari begiratuz gero, sendatze kolektiboan murgilduta gara. Bizi izandako historia beltz horretatik sendatzeko denbora hartu behar dugu. Historia horri begiratu behar diogu zer garen ulertu nahi badugu, orainari eta geroari bizkar eman gabe. Quebectarrei eta kanadarrei ere ezagutarazi behar diegu gure historia, arrazismoak ezezagutzan dituelako sustraiak.
news
argia-e7216c348186
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/bixente-ameztoi.html
Bixente Ameztoi
Xabier Gantzarain
2016-11-27
Bixente Ameztoi Azaroan bete dira 15 urte hil zenetik, 70 beteko zituzkeen aurten Bixente Ameztoi Olasagastik (Donostia, 1946ko urtarrilaren 30a–Villabona, 2001eko azaroaren 6a). Margolaria zuen osaba ere, Jesus Olasagasti . Umea zela hasi zen margotzen, besterik egiterik ez zitzaiola sekula burutik pasa esan izan zuen, eta 14 urterekin parte hartu zuen erakusketa batean lehen aldiz. Sariak azkar iritsi zitzaizkion, bai eta merkatuaren presioa ere, antza: konturatzerako atzetik zeukan jendea lan eske, berak aitortu zuenez, eta horrek gaixotu egiten zuen. Epe, presa, kate guztiak hautsi eta bere barne erritmoari jarraituz ondu zituen harrezkero bere lanak. Elixabete Garmendia Lasak aipatu du berrikitan, Berria n argitaratutako Arteta ahazteko bidean? artikuluan. Eta berak ongi asko azaltzen duen bezala, Euskal Herriari zahar usaina kendu nahi zion artista izan zen Bixente Ameztoi, ikonografia moderno bat eman ziona: porruak, kaputxak, eguzkitako betaurrekoak… Ez dira akaso gauza handia gaur, baina orduan berritasuna ziren, ezustea, talka, mundu berri bat. Zeruko Argia rentzat azalak egin zituen 70eko hamarkadaren bukaera aldera, batzuk polemika sortu zutenak gainera; trantsizio garai hartan oso aktiboa izan zen, Euskadi Sioux aldizkarian ere ibili zen, esate baterako. Lan hauetan guztietan garbi ikusten da ez ziola ihes egin bere garaiko giroari. Juan Kruz Unzurrunzagak ere aipatu zuen, hil hurren zela Berria ri emandako elkarrizketan . Hala ere, bere margogintza da Bixente Ameztoiren izena, urteak joanda ere, behin eta berriro agertzea ekarriko duena. Berezia da zeharo. Bere lan guztietan gaia bera da: gizakiaren eta naturaren arteko harremana, bere bariante guztietan, beti ere surrealismo ukitu batekin. Erretratuak dira seguru asko bere lanik ezagunenak, baina beti ari da paisaia pintatzen, inguratzen duen mundua, barruan duen mundua. 1984ko paisaia hau berezia da oso, ez baitago, bere lanik gehienetan ez bezala, giza arrastorik batere. Igeldo aldetik jarri da artista Donostiara begira, postaletan-eta erabat erabili den begiradaren aldaera bat hartuta, baina ikuslearen begiak mendian behera itsasora, hondartzara, lurrera egin orduko hautemango duenez, hiria falta da koadroan; ez bide, ez etxe, ez jende, ez dakigu gizakiak paraje hauek zapaldu aurretikoa den irudia, edo naturak beretzat hartu duen, basoak jan duen inoiz Donostia izan zena.
news
argia-e8427a54180c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/ausiki.html
Ausiki
Estitxu Garai Artetxe
2016-11-27
Ausiki Inoiz ez nuen pentsatuko Guardia Zibilak euskarazko hitz berri bat erakutsiko zidanik, ez behintzat amesgaizto krudelenetik kanpo. Bada, iritsi da eguna. Zortzi lagun atxilotu dituzte Altsasuko liskarraren harira, eta operazioari Ausiki izena jarri diote. Ausiki, fonetika ezaguna duen hitza, euskarazkoa zalantzarik gabe, baina egunerokoan ez darabildana. Hiztegira jo dut. Ausikia eta haginkada sinonimoak dira, baita ausiki egitea eta kosk egitea ere. Iparraldean eta Nafarroako zenbait ingurutan erabiltzen da batik bat. Ausiki. Guardia Zibilak zeri ausiki egin nahi dion imajinatzea ez da zaila. Usain txarra zerien hasieratik Altsasuko gertakariaren gain-dimentsionatzeari eta proiekzio mediatikoari. Kiratsa areagotuz joan zen bi aldeen bertsioa entzun ostean eta, batez ere, Altsasuko herritarren erantzuna ikusita, manifestazio jendetsu baten bidez salatu baitzituzten muntaia poliziala eta Guardia Zibilaren gehiegizko presentzia Operazioak bataiatzeko prozedura ez dut ezagutzen, eta ez dut asko ikertzeko asmorik ere. Hala ere, azken urteetan jarritako polizia-operazioen izenek ematen digute atzean egon daitekeen psikologiaren arrastoa. 2014an Xake operazioaren pean atxilotu zituzten EPPK-ko Bitartekaritzako kideak. Gero etorri zen Mate, gehienbat euskal presoen defentsan aritzen ziren abokatuak atxilotuta. 2015ean Pardines deitu zioten ETAko ustezko buruzagitzaren aurkako operazioari. ETAk hildako lehenbiziko Guardia Zibila izan zen Jose Pardines. Izen sinbolikoen goia, nire ustez, aurten jo dute, 2016an, Aurkikuntza operazioarekin. Espainiako Aberriaren egunean (genozidio basatia ospatzen duen eta lehenago arrazaren eguna izan zen horretan), Kolonen Aurkikuntzaren eta ETAren armategiaren aurkikuntzaren arteko lotura bilatzen du zorioneko izenak. Azkena, berriz, Ausiki. Guardia Zibilak zeri ausiki egin nahi dion imajinatzea ez da zaila. Usain txarra zerien hasieratik Altsasuko gertakariaren gain-dimentsionatzeari eta proiekzio mediatikoari. Kiratsa areagotuz joan zen bi aldeen bertsioa entzun ostean eta, batez ere, Altsasuko herritarren erantzuna ikusita, manifestazio jendetsu baten bidez salatu baitzituzten muntaia poliziala eta Guardia Zibilaren gehiegizko presentzia. Eskumak, ordea, gaiari probetxua ateratzeko beta ikusi eta bazterrak aztoratzeko erabili zuen. Gero ezagutu genuen polizia txostenek eurek ere lintxamendua ukatu eta terrorismo delitua baztertzen zutela. Entzutegi Nazionalak entzungor egin eta ikerketa abiatu zuen terrorismotzat jota. Aski ezagunak dira salbuespeneko tribunal horren errepresio politikoko moldeak, ondo baino hobeto eusten dio Ordena Publikoko Auzitegi frankistak emandako lekukoari. Zenbait gaztek epailearen aurrean agertzeko borondatea agertu arren, berriro entzungor egin eta zortzi gazte atxilotu eta horietatik sei kartzelara bidali dituzte. Hori guztiori Ospa mugimendua kriminalizatzeko soinekoz jantzia. Ausiki, Uxue Barkosen exekutiboak egin zion ausiki erregimenak jarritako amuari. Gertatutakoa argitu aurretik ñabardurarik gabeko gaitzespena egin zuen. UPNk kaosa eta bizikidetza arazoak irudikatu nahi ditu, gorrotoak gidatutako norabiderik gabeko jendartea. Txin pon txi, txin pon txi, erregimenak ofentsiba gogorrari ekin dio. Altsasuko liskarra, Mola eta Sanjurjoren hilobiak, Lan Eskaintza Publikoan euskarazko postuak bertan behera uztea… Aurreikustekoa da hurrengo hiru urteetan ere etenik gabeko oldarraldia egongo dela epaitegien eta poliziaren laguntzarekin. Erregimenak markatutako erritmoari iskin egin eta musika propioa sortzeko bidea topatu beharko du Nafarroako Aldaketaren Gobernuak. Ausikik badu beste adiera bat, ausikitzea "kezkatzea" edo "larritzea" ere bada. Eta zinez ausikiko lizkidake barrenak erregimenak inposatutako narratibari aurre egiteko gaitasun ezak.
news
argia-543cf1c97d9e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/astekaria-zabaltzen-duen-argazki-handia.html
Agentzia multinazionalen beharrik gabe
Itsaso Zubiria Etxeberria
2016-11-27
Agentzia multinazionalen beharrik gabe Ez al zaitu sekula inpresionatu astekariko lehen orrietan agertzen den orri-biko argazkiren batek, irakurle? Ziur naiz baietz. ( Hemen dituzu Asteko argazki guztiak ). Bada, gehiago inpresionatuko zaitu –agian jakingo duzu eta pentsatzen ariko zara ez dizudala ezer berririk kontatzen, baina seguruenik uste baino jende gutxiagok ezagutuko du datua– jakiteak argazkilari independenteek harrapatutako irudiak direla guztiak; hau da, iturria ez dela betiko EFE edo Reuters bezalako agentzia multinazionala, irudi eta informazio salerosketarekin aberasten ari dena. Aldizkaria berritu zenetik 48. alea izango da, eta berrogeita zortzi argazkiak independenteak izatea lortu da. Apustu sendoa egin da, noski. Kasu askotan ez da erraza izaten pil-pilean dagoen gaiaren argazki egokia bilatzea. Gainera, ARGIAn eman zaion formatuan bi orriko irudiak berak du hartzen protagonismo guztia, eta ia testurik gabe argazkiak berak hitz egin behar du gaiaz; hori da helburua. Euskal Herriko kontuez ari garenean errazagoa izaten da normalean argazki polit bat topatzea, grafikoki adierazgarria dena eta gaian sartzen lagunduko diguna. Gaia bera ondo kontrolatzeaz gain, gertuko argazkilari gehiago ere identifikatuta izan ohi ditugu eta materiala eskuragarriago egoten da. Konplikazioak nazioarteko kontuez hasten garenean suertatzen dira sarriago. Zaila izaten da askotan agentzien filtrotik pasa gabeko irudiak eskuratzea. Baina ez da ezinezkoa, eta ARGIA argazki hauekin egindako apustuarekin demostratzen ari zaigu posible dela beste bide batzuetatik grafikoki indartsuak diren euskarriak lortzea. Zenbait kasutan izerdi asko botata eskuratutako irudiak direla? Bai, noski. Errazagoa litzatekeela irudia agentzietatik jasotzea? Ziurrenik. Baina bide berriak irekitzen ahalegindu eta bere fruituak ematen ikustea ederra da, ederra den bezala egiten ari garena kontatu eta plazaratzeko aukera izatea.
news
argia-fa355a286c38
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/pobrezia-energetikoak-ere-hil-egiten-du.html
Pobrezia energetikoak ere hil egiten du
Juan Mari Arregi
2016-11-27
Pobrezia energetikoak ere hil egiten du Indarrean dagoen kapitalismoak, orain neoliberalismoa deitzen dioten horrek, hil egiten du. Jendartean etengabe ari da hori erakusten. Lan prekarietateak hil egiten du, istripu eta suizidioak eraginez, amiantoak ere bai, beste gaixotasun profesional batzuek bezala, baita pobreziaren ondorioz egiten diren etxegabetzeek ere, jakina. Joan den astean Katalunian adineko emakume bat hil zen, kandelak erabiltzeagatik bere etxeak su hartu ondoren; hala, garbi ikusi da pobrezia energetikoak ere hil egiten duela. Eredu sozioekonomikoan funtsezko aldaketak egiten ez badira, heriotzak bata bestearen atzetik etorriko dira, sistema hau bera baita kriminala. Reuseko 81 urteko amonak kandelekin argitzen zuen etxea, argi-indarra moztu ziotelako. Heriotza horrek aurpegia jarri die Espainiako Estatuan pobrezia energetikoaren drama sufritzen duten lau milioi lagunei. Bazterkeria sozialaren eta desorekaren isla lazgarria da. Pobrezia hori sufritzen dutenek gosea ere pasatzen dute, baita hipotekak edo ustekabeko gastuak ordaintzeko ezintasuna ere, askotan etxegabetzea dakarrena. Euskaldunok ez gara salbuespena. EAEn, adibidez, 70.000 etxetan dute pobrezia energetikoa, hau da, familien %7,7k. Egoera larri horren aurrean administrazioak neurriak hartu behar ditu. Eusko Legebiltzarrean zain dago pobrezia energetikoaren kontrako planari buruzko eztabaida. Plana ez da eraginkorra izango ez badu arazoaren muinera jotzen: elektrizitate enpresek badute erantzukizun handia, azkenaldiko prezio igoerak baitira gakoetako bat, baina batez ere, azpimarra jarri behar da eredu sozioekonomikoaren aldaketan, oraingo ereduak hil egiten baitu. Eta hor, erantzukizuna denona da.
news
argia-8b621a16c3cd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/inaki-caminorekin-amikuzeko-heuskara-zaharraz.html
I�aki Caminorekin, Amikuzeko (h)euskara zaharraz
Pello Zubiria Kamino
2016-11-27
I�aki Caminorekin, Amikuzeko (h)euskara zaharraz Iñaki Camino Lertxundi (Donostia, 1963) irakaslea da EHUren Gasteizko Letren fakultatean. 1980ko hamarkadan ARGIAko lankide aritu zen. Garai hartan hasi zituen hizkuntzalaritzako ikerketak Aezkoan eta beste hainbat eskualdetan. "Amiküzeko Euskara" liburua plazaratzen du udazken honetan Euskaltzaindiaren eskutik. Amikuzeko euskara aztertzen, zer dela eta? 1985ean Aturri aldean eta Baxenabarren grabazioak egiten ibili nintzen, Amikuzeko Oragarren ere bai. Amikuzen lanean 2005eko azaroan hasita 2015 bitarte aritu naiz. Beti izan dut gogoan mugako mintzo bat izanik hor badirela ezaugarri batzuk… Eman dezagun, Baxenaberreko berrikuntza batzuk heldu dira Amikuzera baina ez denak, Zuberoako berrikuntza batzu Baxenabarren ez baina Amikuzen badaude, Zuberoako ezaugarri zahar batzuk ez Baxenabarren eta ez Lapurdin baina Amikuzen gorde dira, Bardozeko ezaugarri batzuk badaude Amikuzen eta Zuberoan baina Baxenabarren ez… Amikuzen bada ezaugarrien konbinazio bat dialektologia aldetik garrantzia duena. Gerora jakin dut  Jean Etxeparek (1912) René Lafonek (1955), edo Henri Guiterek (1973) ere ikusi zutela Amikuzen zerbait berezia badela. 1985eko lehen elkarrizketa hartatik hasita, gaiaren inguruko dokumentazio guztia arakatzeaz gain, Amikuzeko herri guztietan lekuko bana elkarrizketatu duzu. Bat edo bi eta Behauzen hiru. 31 herritatik 29tan egon naiz. Beti saiatu naiz herri bakoitzean bertan jaio eta gurasoak ere bertakoak zituzten lekukoak elkarrizketatzen. Horrek huts egiten du Donapaleuko kasuan: Donapaleuko karrikan ez dut aurkitu aipatu baldintzak betetzen dituen lekuko euskaldunik. "Amiküze" idazten eta esaten duzu. "Ü" hori Zuberoako kontua besterik ez zela uste genuen. "Ü" hori ez da esaten Amiküzeko herri guztietan, baina gehienetan bai, eta denak daude iparrari begira, hegoaldekoetan ez da egiten. Gainera "Amiküzeko h-Euskara" diozu, liburu osoan ipini duzu "h" ttikiago batez. Liburu zaharretako "Heuskara" aldarrikatzen duzu? Nik ez dut ezer aldarrikatzen. Beharbada inoiz izan bazen "Enuskara" hitza, gero "n" hori galdu da eta arrastoa utzi du hasperen gisa… Inoiz irakurri izan dugu "Heuskara" (edo "Heskuara" edo "Hüskara") ez zela inon geratzen Zuberoako Santagrazin baino, eta hori ez da horrela. Amikuzen zenbait herritan zahar batzuek, ez denek, hasperen egin eta "Heskuara" esaten dute, batzuek ahulxeago eta beste batzuek ozenago. "Amikuzen zenbait herritan zahar batzuek, ez denek, hasperen egin eta 'Heskuara' esaten dute, batzuek ahulxeago, beste batzuek ozenago" Urteotan Iparraldeko beste hainbat lekutan bezala zure begiekin ikusi duzu euskararen katea eteten. Heletan 1982an ezagutu nituen senar-emazteak elkarrekin euskaraz ari zirenak eta seme alabek ez zekiten euskara. 1982ko udaberria zen, gogoan dut guraso haiek nola galdetu zidaten Hegoaldean independentzia noizko zen. Galeraren prozesua aspalditik dago abian. Hiriart-Urrutik 1898an Erronkariko datuak ikustean adierazten du Hegoaldean, Nafarroan, gauzak gaizki daudela baina Ipar Euskal Herrian "zaharrak dira beti euskaraz baizik mintzo ez direnak". Esaten du Zokoatik abiatzen baldin bagara Santagraziraino bidean hainbat kasketadun eta frantximant agertuko zaigula eta aldi oro frantsesaren beharra gertatuko zaigula. Ordurako gauzak aldatzen ari ziren, gerora badakigu aldatu egin direla, azken 30-40 urtean nabarmen aldatu ere. Ez dakiguna da zer heldu den. Amikuzeko euskararen ezaugarriak azaltzerakoan esana duzu Euskal Herrian leku gutxi izango dela jendea batetik bestera hainbeste mugitu dena, etxetiarren fenomenoa ere [urtetik urtera baserriaren jabearekin kontratua berritu behar zuten maizterrak asko ziren hemen] tartean dago, eta oso aniztasun handia daukala bertako euskarak. 32 herri asko dira. Horietako jende batzuk Hazparneko merkatura joaten ziren, beste batzuk Maulekora, edo Biarnoko Salbaterrakora, Donibane Garazikora… Gero askok aita herri batekoa zuen eta ama bestekoa, hirugarren herri batera ezkonduak hango ugazaba batek eman dielako urte bete edo bost bertan lan egiteko aukera, eta gero beste batera doaz haur eta guzti… Amikuzen horrelako asko dago. Horrek dakar aniztasuna, baina beste aldetik gurutzatze horrek ekarri beharko luke batasuna, gurutzatzeak baitakar elkar ezagutzea, nahasketa eta azkenean markatuenak diren ezaugarri berexienak galduz bezala doaz eta denonak izan daitezkeenak nagusituz. Bilakabide horretan zentrala omen da Donapaleu. Bueno… "Dnaplü", zuk diozunez. Beraiek hala esaten dute, Dnaplü, lehenbiziko bokala desagertuz edo xuabetuz. Guretzako oso zaila da berdintzea. Donapaleuren garrantzia? Berrikuntza bat gerta dadin masa kritiko bat behar da. Prestigioa duen norbaitek berrikuntza bat asmatzen dutenean ondokoek emulatu eta hedatzen da. Merkatua, dirua, lan aukera, aisia aukera… hori dena aspaldian Donapaleun gertatu da. Behar bada kanpotik eraman dira berrikuntzak, baina hiriak duen prestigioak eta erakargarritasunak eragin du bertakoek berenganatu ondoren ondoko herrietakoek hartu eta etxera eramatea. Uste dut, hipotesi bat da, hori gertatzeko moduko indarra Donapaleuk duela. Baxenabarren bi eskualdeko euskarak nabarmendu dituzu oso berezitzat. Bata Amiküze, bestea Baigorri. Baigorrin badira hizkuntza aldetik berrikuntzak Baxenabarreko beste eskualdeetan aurkituko ez dituzunak. Badira Nafarroa Garaiko berrikuntzak Baigorrin baizik entzuten ez direnak, eta era berean, Baxenabarreko beste eskualdeetako berrikuntzak Baigorrin falta dira. Berdin, Lapurdiko berrikuntzak Baxenabarren Baigorrin baizik entzuten ez direnak. Badakigu Baigorriko ardoa eta zerrien haragia baionesek erosten zutela… eta Iruñeko jendeek ere erosten zuten. Baxenabarren erdiguneko errealitate linguistikoa, Garazik, Arberoak eta Oztibarrek dutena, amikuztar eta baigorriarrek ez dute partekatzen horrenbeste, lotura estuak dauzkate batzuek Zuberoarekin eta besteok Lapurdirekin. Zuberoak Pirinioetako ekialde osoa artikulatzen zuela aldarrikatzen duzu, eta hori nabari dela ekialdeko euskalkietan. 2011ko artikulu batean aldarrikatzen nuen euskara batu zaharra, alegia, Mitxelenak-eta planteatzen dutenean V-VII. mendeetan euskarak egon behar zuela orain baino batuago, mintzo koineago bat egon behar zuela, nik planteatzen nuen euskaldun multzo bat bereizi zela lehenik enbor horretatik: zuberotarrak eta erronkariarrak. Hauek dira beren ezaugarri zaharrengatik eta berriengatik besteengandik bereiz gelditu direnak. Gero etorri dira beste zatiketa guztiak, ekialdeko besteak, gero Araba, Bizkaia eta behar bada Gipuzkoako alderdi batena, gero erdialdekoa eta adar desberdinak. Horien kronologia eta frogak bilatzeko lanak oraindik lehen urratsetan daude. Ene ustea da garai hartan Aturri aldea, Bardoze, Amiküze, Zaraitzu, Erronkari eta Zuberoa lotuago zeudela gizarte aldetik, ekonomia aldetik, artzainago zirenean. Artaldeak Landetara, "a las Landas bordelesas" eraman behar ziren, ardiek eta behiek edan zezaten ur handia dagoen lekutik. Horregatik badira hizkuntza ezaugarriak gainerako Lapurdin eta Baxenabarren ez direnak baina Bardozen, Lehuntzen, Urketan, Amiküzen eta Zuberoan badirenak. Aziendek ura edateko behar zutelako gertatu zen ez dakit, baina kontua da Baiona ondo-ondoko Hiriburu, Mugerre, Lehuntze eta horietatik abiatuta Zuberoraino badela continuum eta batasun hein bat. Eta berrikuntza horiek guztiak batera leku bakarrean daude: Zuberoan, beharbada artzain gizartea zelako. Zuberoako artzain gizartearen legedia ikaragarria da, Xarles Bidegainek Euskararen Atlasean horretaz azaldu dituen ezaugarriak ez daude Euskal Herriko beste inon. Behar bada arditik bizi zen gizarte hartan, hiriak eta merkatuak barne, sortu zen ekialdearen indarra. Bere garaian Gasteizen zegoen indarra bezala, iristen baitzen Zegamaraino, Urola, Deba Ibarra edo Bizkairaino. Amikuzeko herriak eta euskararen aldaerak herrika. Mapak erakusten duenez, Zuberoako euskararekiko trantsizioa uhinka bezala gauzatzen da. Biarnoren eragina ere bada Amikuzen. Bai, lexikoan nabarmena da. Batez ere Zuberoan aztertu da, hitz zatarretan, kulturakoetan, tresnerian… Ahoskeran baliteke "ü" hori Biarnotik iritsia izatea. Morfologian ere zerbait agertzen hasi da, Manu Padillak aurkitu du zerbait, eta euskal dialektologia landuago daukagunean beste ezaugarri batzuk edukiko ditugu behar bada. Zuberoan eta Amikuzen jendea soldadogora joaten zen euskara eta biarnesa jakinik, mutilak bidaltzen zituzten Biarnora urte beterako mutil [morroi] gero merkatuetan azienda tratuan moldatu zitezen. Soldadogoan, edo eskolan, ikasiko zuten frantsesa hobeki. Euskaldun kaskoin mintzalariaren fenomenoa errotik desagertua da gaur, baina duela hogei urte arrunta zen hemen. Amikuzen betidanik Lapurdiko euskara ederretsi dutela diozu. Hasteko, ez da Amiküzeko literaturarik. Dotrina liburu bat dago 1740. urtekoa, Akizeko apezpikuaren aginduz Pauen argitaratutakoa, baina hortik goiti ez dut ikusten amikuztar batek agertutako testurik, oso modernoak dira. Baina Baxenabarrek ere ez dauka literaturarik. XIX. mendeko baxenabatarrek idatzi dute Baionako apezpikuari begira. Hiztunek ere ederresten dute Hazparnekoa, apezek eta misionistek zekartelako, Zuberoakoa abila dela jotzen duten bezala. Hazparnekoaz gain, Sarrikotako hiztunak ederresten zuen Garazikoa, Oztibarrekoak Baigorrikoa, eta Baigorrikoak Lapurdikoa. Jean Haritxelhar berak Baxenabarreko hizkera jotzen du idortzat, hitzak jaten dituela, berdin lehenago Jean Etxeparek. Ohitura da Lapurdiko eta Zuberoako euskarak ederrestea eta Baxenabarrekoa ez. Zuberoak eragin handiagoa Hazparnek baino? Askoz eragin handiagoa dute Maulek eta Zuberoak, Amikuze gehienean. Oztibarren zertxobait hedatu da eta Garaziraino ez da iritsi eragin hori, tartean mendi handiak daudelako. Orografiaz gain, merkatuen indarra dago, ostiraletan Donapaleun, larunbatetan Maulen. Eta Zuberoko eragina sartzen den bezala Amiküzen, Donapaleurena sartzen da Zuberoan, Ithorrotzen, Olhaibin, Berroetan… "Ene ustea da garai batean Aturri aldea, Bardoze, Amiküze, Zaraitzu, Erronkari eta Zuberoa lotuago zeudela gizarte aldetik, ekonomia aldetik, artzainago zirenean" Zuk, soziolinguista ez zaren arren, euskararen gainbeheraren xehetasun garrantzitsuak bildu dituzu liburuan.  Euskalkiaren mesprexua aurkitu duzu zure lekukoen artean?   Nik ez dut sentitu ikerlanerako elkarrizketatu ditudan herritarrek beren mintzoa gaitzesten dutenik. Iruditzen zait Frantziako kulturaren, Frantziako estatu indarraren eragin hori, laborarien sukalderaino indarrean sartu dela eta azkenean bi plano geratu direla: iragana eta oraina. Oraina da ekonomia, artoa, sosa, Lur Berri… eta hor euskarak ez du funtzionatzen. Iraganean bai, baina iragana zen artoa eskuz biltzea, harreman hertsiak auzoen artean, beste mundu bat. Nire  lanean Domintxineko lekuko batek aipatzen du berak zortea ukan duela bi munduak ezagutzeko, iraganeko mundua euskaraz bizi baitzen, eta oraingo mundua modernoa dena, tresneria, maxinak… eta frantsesa. Nafarroa Garaian bezala, hemen ere jendearen imaginarioan bi plano horiek daude. Ez dute sentitzen hegemonia frantsesak eten bat eragin duenik, enekin euskaraz segitzen dute normaltasunez baina gero haien ingurua sumatzen da frantsesa dela. Gamueko lekuko batek esaten du "herriko gazteak pilotan ari direlarik frantsesez entzuten 'tut", esan nahi du frantsesera lerratu direla baina hori ez litzateke posible lekuko horrek berak bere inguruan frantsesez egin ez balu. Etena gertatu da, gertatzen ari da, gertatuko da, etxetik etxera aldatuko da, baina horrek barrenean eragiten duen oinaze edo pozaren berri ez dugu garbi ikusiko nola den ez bada horretaz lan xehe bat egiten. Liburuan diozu: "Euskal Kanta Berria, Ikastolak, Abertzaleak… Nolanahi ere den, ekintza euskaltzale edo abertzale hauek guztiek ez dute erdietsi Ipar Euskal Herrian gertatzen ari den berezko hizkuntzaren galera saihestea".   Bai, baina egia da ere ari direla lanean eta egiten duten heinean horren fruitua azalduko da. Baina Amikuzen euskararen galera nabarmena da. Garazi, Iholdi edo Baigorriko eskualdeetan, herri txikietan, gazteak ari dira euskaraz edo ari daitezke. Amikuzen frantsestea nabarmenagoa da. Zuk ondo ezagutzen duzu Amikuzeren ifrentzua egiten duen beste eskualde bat, Aezkoa. Hemen erakutsi da bestelako bidea ere posible dela, berreskuratzea alegia. Bai, Aezkoan ni iritsi nintzenean [1980ko hamarkada hasieran] zero ume euskaldun zeuden eta gaur gazte guztiek dakite. Aezkoan, edo Agoitzen, edo Otsagin, edo Erronkarin, euskaldun hartzaileak dira. Badakite euskaraz, baina eskolako zerbait da, ez dute beren artean baliatzen. Eta inoiz idazten baldin badute zerbait, berehala nabaritzen da erdararen errotatik ehotako euskara dela.    Baina etorkizuneko euskaldunek beharko dute balio duen euskara bat. Testu bat idaztean unibokoa izatea, anbiguotasunik gabea, kakotx artean "txukuna", lehenbiziko irakurraldian ulertzeko modukoa, etorkizuneko gaietarako balio duena. Hori gertatu ezean, euskarak subalterno jarraituko du eta inork ez du aintzat hartuko. Euskalkiak, euskara zaharrak, aztertu eta funtsean maite dituen zu bezalako gizon batek… nola bizi duzu ohartzea horiek bukatu direla eta aurrera aterako den euskara beste bat izango dela, lehengoaren aldean eskasa alderdi askotan? Ni garbizalea naiz. Baina lan hau egiten dudanean ez naiz euskaltzalea, ikertzailea naiz. Bestela leher gaizto egingo nuke. Ni saiatzen naiz herri bateko euskara ahalik eta ondoen biltzen gero aztertzeko. Ondotik pentsatzen dut hor zer sentitu dudan, baina hori gehiago geratzen da soziolinguistikarako. Gurpil meheko traktore zaharrak bukatu ziren bezala, gu bezalako euskaldunak ere bukatuko dira. Euskarak prestigioa ematen bazaio prestigioa hartuko du, horretarako euskarak ona beharko du, ez du balioko itzulpen-fotokopia moduko euskara kaxkarrak. Bide bakarra da euskara gaitua eta egokia izatea, dagokion garai eta gizarterako, baina hori sortzeko dago.
news
argia-f34c37ee42fc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/errepideetako-greba-konpondu-gabe-iritsi-da-negua-gipuzkoara.html
Errepideetako greba konpondu gabe iritsi da negua Gipuzkoara
Urko Apaolaza Avila
2016-11-17
Errepideetako greba konpondu gabe iritsi da negua Gipuzkoara Asteartean jarri zuen indarrean neguko bidezaintza plana Gipuzkoako Aldundiak. Elurteei aurre egiteko langile kopurua erdira jaitsi du foru erakundeak eta ELAk azalpenak eskatu dizkio. Zortzi hilabete daramate greban Gipuzkoako errepideetan mantenu lanak egiten dituzten enpresetako langileek. Azpikontratazioaren ondorioz lanaldi luzeak eta soldata izozketak jasaten dituztela diote , baita segurtasun gabeziak ere. Besteak beste, neguko bidezaintza planean irregulartasunak salatu izan dituzte. Hain justu, asteartean jarri zuen indarrean bidezaintza plana Gipuzkoako Aldundiak. Aintzane Oiarbide Azpiegituretako diputatuaren esanetan grebak ez du "inolako eraginik" izango planean, gutxieneko zerbitzuetan sartzen baita "bere osotasunean". Bestalde, elurrari aurre egiteko gatz biltegiak eta 80 kamioi prest dituztela azaldu zuen prentsaurrean diputatuak, eta "baliabideak optimizatu" dituztela. ELAk zehaztapen handiagoa eskatu dio foru erakundeari, planean parte hartu ohi duten 322 langileen ordez 180 baino ez baititu aurreikusi: "giza baliabideak erdira jaitsi dira". Sindikatuak "eszeptizismoa" azaldu du Aldundiaren interesekiko: "Ezinezkoa da erabiltzaileen segurtasuna bermatu ahal izatea mantenu zerbitzu horietaz arduratzen diren langileen segurtasuna bermatzen ez bada". Aldundiari eta mantenu lanak egiten dituzten enpresetako zuzendaritzei Lan Harremanen Kontseiluan elkartzeko deia luzatu die ELAk, planari buruzko informazio gehiago izateko asmoz: "Ez dugu inoren bizia arriskuan jar dezakeen murrizketarik onartuko". Sindikatuaren ustez langile eta enpresen arteko gatazkan Aldundiak zeresan eta ardura handia dauka, berak azpikontrataturiko zerbitzu publikoa betetzen ari baitira. Oiarbidek baina, ez du hala uste: "Hasieratik nahi izan dugu gatazka azkar amaitzea, baina Diputazio bezala egin behar dugun gauza bakarra da bermatzea bide segurtasuna".
news
argia-6df0e6889f63
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/umeen-aurkako-indarkeria.html
Familia, isiltasun gotorleku
Eider Madina Berasategi
2016-11-27
Familia, isiltasun gotorleku Adinez txikikoen kontrako indarkeriak hamaika aurpegi ditu. Sistema patriarkaleko subjektu zaurgarrienak diren heinean, ordea, badute berezko ezaugarri bat: sufritzen dutena ezkutuan gertatu eta geratzen da, erasotzaileak haien senideak direlako gehienetan. Isiltasun horrek, baina, ezin duela errealitatea desitxuratu kontatu digute Bilgune Feministako kide Saioa Iraolak eta Eraikiz elkarteko pedagogo Aitziber Bañuelosek. Indarkeria sufritzen duten umeak ez dira bat edo bi; guztiok omen dugu inguruan biktimaren bat, baita erasotzaile bat ere. Eta horrek beldurtu egiten gaitu, bazterrak ez nahastera bultzatu, arazoa konpontze aldera funtsezkoa denean gaiaz hitz egitea. Umeak sistema patriarkalaren subjektu ahulenak direlako eta ezkutuan gertatu eta geratzen den indarkeriaren biktimak direlako heldu dio gai konplexu honi Euskal Herriko Bilgune Feministak , eztabaida eremu publikora zabaldu eta konponbideak aurkitzea xede. Kolektiboaren hitzetan, garrantzitsua da egoera horietan sortzen diren isiltasun-hitzarmenak haustea: "Horretarako, sufrimenduz betetako bizi-hastapena izan duten subjektu zaurgarriak ikusgarri egin behar dira. Lehen pausoa, haurrei subjektu izaera, ahotsa eta sinesgarritasuna ematea da". Taldeko kide Saioa Iraola Urkiolak azaldu digunez, umeek arazoa plazaratzeko urratsa ematen dutenean, maiz ez diegu sinesten: "Haien hitza ez da kontuan hartzen eta umeen fantasia eta asmakizunak direla argudiatzen da, sarritan erasotzailea familiakoa edo ingurukoa delako". Sistema patriarkalean boterearen hegemonia heldua, gizona eta heterosexuala da; eta hori mantentzeko tresnarik nagusiena modu eta forma anitz dituen bortxa", dio Bilgune Feministak. "Horrenbestez, indarkeriaren monopolioa gizon helduek dute (gehienetan senarrak, aitak, osabak, anaia nagusiak, aitonak) eta hori sufritzen dutenak nagusiki jendartean zaurgarritasun-egoeran bizi diren subjektuak dira: emakumeak eta haurrak". Indarkeria horren gotorlekua, datuek erakusten duten moduan, familia dela dio Iraolak. "Familia egitura hori eta haren gertuko sarea dira, gehienetan, errealitate lazgarri horien isilpeko babesleku; horren adibide adierazpen hauxe dugu: trapu zikinak etxean garbituko ditugu". Sexu erasoak, erdigunean Bilguneko kidearen hitzetan, "indarkeria aldaera anitzen zutabeak estuki lotuta daude patriarkatuaren baitako jendarteratze-prozesuei". Eta horri lotuta dago gizon heldu eta heteroaren hegemonia sostengatzen duen sexualitatearen eraikuntza: "Gizonek haien gozamenerako eta onurarako nahieran erabil ditzakete inguruko gorputz anitzak; horren adibide dira sexu-erasoak, bortxaketak, publizitate sexista, haurren hipersexualizazioa edota pornografia". Halaber, egunerokoan (modu sotilagoan) haur guztiak zipriztintzen dituen indarkeria kultural, sozial eta sinbolikoa ere salatu du Bilgune Feministak, haur eta nerabeen bizi-ibilbidea urraketaz betea dagoen heinean: "Jendarte honetan haur guztiek genero rolen banaketa pairatzen dute jaiotzen diren mementotik eta haien sozializazio-prozesuan zehar eredu binomiala modu zurrun eta hertsian jasotzen dute". Indarkeria oro aintzat hartu arren, sexu erasoak nabarmendu ditu Bilgune Feministak, "eguneroko errealitatea baitira gurean". Gaia oso delikatua da, eta ez da erraza datuak aurkitzea. Informazio falta dago eta dauden ikerketa ofizialak zaharkituta geratu dira. 1994an Felix Lopez doktoreak Espainiako Gizarte Gaietako Ministerioak eskatuta eginiko txostenean jasotzen denez, "Kanada, AEB eta Europar Batasuneko hainbat herrialdetan (Espainiako Estatuan tartean) eginiko ikerketek erakusten dute 17 urtetik beherako nesken %23-25ak eta mutilen %10-15ak sexu gehiegikeriak pairatu dituztela. Eta eraso horien %70-80a familia giroan edo haurraren konfiantzazko inguruan gertatu direla". Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunean, umeak izan ditu gogoan Euskal Herriko Bilgune Feministak, sufritzen duten indarkeria bistaratzea xede. Isiltasun hitzarmena Umeen kontrako indarkeria sistema patriarkalaren ezaugarri askoren ondorio da: familia eredua, gorputzen sexualizazioa, jendartearen isiltasuna eta konplizitatea, figura patriarkala, helduen nagusitasuna eta abar. Horiek guztiak dira, besteren artean, datu, ikerketa eta irakurketa gutxi egotearen arrazoi nagusiak. Ildo berean, beldurra, lotsa, errudun sentimendua, isiltasun-hitzarmena edota familia ereduaren indarraren ondorio da biktimen isiltasuna. Bestalde, kaleko jendea "egiaren beldur" da, eta ez du informazio eta ikerketa gehiagorik eskatzen. Politikoek, horretaz jakitun, "beste aldera" begiratu ohi dute ardurak saihesteko. Bilgune Feministako kidearen ustez, "arazo bat konpontzeko lehen urratsa aitortu eta onartzea da; jendarteak begiak irekitzea nahitaezkoa da, gai honen inguruko beldurra eta tabua gainditzeko". Lanketa eta hausnarketa prozesu kolektibotik ateratako irakurketan argi utzi dute dimentsio zabal eta anitza duen gaia dela honakoa. "Umeen kontrako indarkeria patriarkalak ertz asko ditu, eraso fisikoez harago, arduragabekeria fisikoa eta emozionala, eraso psikologikoak, sexu-abusuak edota euren amak pairatzen duen indarkeriaren lekuko izatea". Salatu dutenez, "azken kasu honetan legeak hutsune nabarmenak ditu, etxean indarkeria-egoerak bizi dituzten haurrak ez direlako zuzeneko biktimatzat hartzen". Adituen arabera, haurrengan albo-ondorioak izaten ditu indarkeria mota horrek eta sarritan gaitz psikologikoak, agresibitatea edota urduritasuna eragin ditzake. Erakunde feministak ohartarazten duen bezala, "sistema judizialaren egitura bera patriarkala da eta haien baldintzen arabera aztertzen dira kasuak. Orokorrean epaileak gizonezkoak dira, eta haurraren hitzak ez du pisurik, sarritan ez dagoelako froga garbirik. Lekukoa oro har, haurraren ama izan ohi da eta haien hitza zalantzan jartzen da sarritan, manipulazioa argudiatuta". Kasu gehienak artxibatu egiten dira Sexu abusuen kasuan oso ohikoa da hori. "Hasteko, salaketa gehienak ez dira epaitegietara iristen eta lortzen duten apur horiek trabaz betetako bide bati egin beharko diete aurre, eta zenbait kasutan gertatu den bezala, seme-alaben zaintza kentzeko arriskua hartuta". Iraolak gehitu duenez,  prozesuen geldotasuna kontuan izanik, auziak aurrera jarrai dezan aparteko abokatu bat behar izaten da gehienetan, eta askok ezin izaten dute aurrera segi, baliabide ekonomikoen faltagatik. "Azken batean, epaitegietara iristea lortzen duten salaketek bide judizial motza izan ohi dute, kasu gehienak  artxibatu egiten baitira". Bilgune Feministak urte hasieran Gasteizen jazotako muturreko adibidea ekarri du gogora. Alicia izeneko 17 hilabeteko haurrari sexu-abusuak egin eta gero balkoitik botata hil zuen haren  amaren bikotekideak. "Eusko Jaurlaritzak berak ez du indarkeria sexista gisa izendatu eta onartu. Horrez gain, zaintza partekatuaren legea onartu zenetik, epaitegietan erabakitzen diren banaketa gehienetan ez dira indarkeria sexista egoerak kontuan hartzen, eta erasotzaileei bisita-erregimena mantentzen zaie", salatu du elkarteak. Guztion ardura Azaroak 25, Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren harira Bilgune Feministak egin duen irakurketa ez dela zerotik abiatzen esan digu Iraolak. "Psikologo, abokatu, hezitzaile eta elkarteak lanean ari dira aspaldian, baina Bilgunetik gure ekarpena egin nahi dugu, gaia ezkutukoa dela jakin badakigulako. Umeen aurkako indarkeria lehen planora ekarri eta eztabaida publikoa sortzea da gure helburua: konpartitzeko beldurrez barnean ditugun bizipen lazgarriez hitz egiten hastea, ezkutuko errealitate anitzak bistaratu eta horietara gerturatzea; finean, ezkutuko bortxa sistema horren biziraupena onartzen duen isiltasun hitzarmenak haustea". Egin duten irakurketa politikoa gai honetan sakontzeko abiapuntua dela diote: "Jendarte heldu gisa dugun arduraren jabe izan behar dugu. Agintari politiko eta judizialen ardura eta inplikazioa exijitzen dugu, baina baita jendarte osoaren elkarlana ere. Hortaz, nahitaezkoa da txikitatik autodefentsa feminista lantzea eta hezkuntza eredu hezkidetzaile eta feminista baten aldeko jardunarekin jarraitzea".   Aitziber Bañuelos, Eraikiz kolektiboko kidea "Gure familian ere biktimak edota erasotzaileak aurkitzeari beldurra diogu, horregatik ez da gaiaz hitz egiten"   "Familia zaurgarritasun espazioa da, batez ere euren eskubideak defendatzeko zailtasunak dituzten kolektiboentzat. Eta ahulenak umeak dira zentzu horretan. Horri gehitzen badizkiozu beste faktore batzuk, aniztasun funtzionala edota buru gaixotasuna, imajina ezazu...". / Jon Torner Esku-hartze sozialaren eremuan egiten du lan Eraikiz kolektiboak . Bilboko egoitzan elkartu gara Aitziber Bañuelos hezitzaile eta pedagogoarekin, umeen aurkako indarkeria azaleratzea xede, jardunaldiak antolatu berri eta txosten bat plazaratzear dutenean. Azalpenak eman bitartean zirriborro ugari egin du paperean, erdigunean "sistema patriarkala" idatzi eta "familia" hitzaren gainean boligrafoa maiz pausatuz. Familia barruan gertatzen da umeen aurkako indarkeria kasu gehien. Harremanak saretzeko indarkeria baliatzen dute sistema guztiek, eta familia ez da salbuespena. Babesgabetasun, inpunitate eta zaurgarritasun espazioa da, apurtzeko oso zailak diren baloreak dituena eta senideak maitatzera behartzen zaituena inolako baldintzarik gabe. Indarkeria matxistarekin gertatzen den bezala umeen aurkako indarkeriaren kasuan ere, garrantzitsua da hau, zeren eta min egiten diguten pertsonak gehien maite ditugunak direnean, defentsa mekanismoak errotik zartatzen zaizkigu. Hurbilekoen indarkeriak sortzen ditu traumarik handienak, konfiantza galera izugarria dakarrelako berarekin: Min egiten didatenak babestu beharko ninduketenak baldin badira, norengan izango dut konfiantza? Familia barruan sortzen den indarkeria da ankerrena. Ankerrena, eta bistaratzen zailena… Hala da, horregatik inpunitatearena. Trapu zikinak norberaren etxean garbitzen dira, besteren etxeetan sartzeko eskubiderik ez dugula pentsatzen dugu. Gainera, besteren familiak ispilu dira guretzako. Ikusten dugunean auzokoenean zerbait txarra gertatzen ari dela, sentitzen dugu gurean ere gerta daitekeela, eta beldurra ematen digu. Beldur horrek, gurean ere biktimak edota erasotzaileak aurkitzeari, besteren etxeetan muturra ez sartzera bultzatzen gaitu. Umeen aurkako indarkeria ezkutuan geratzen da gehienetan, ez da detektatzen, are gutxiago salatu. Indarkeria matxista ari da pixkana azaleratzen, mugimendu feministak urratsak eman ditu, emakumeak batu eta ahotsa altxa dute. Umeak, ordea, ez dira gai teoria bat garatu eta taldean biltzeko, norbaitek egin behar du eurengatik: pertsona helduek. Eta hain justu, haientzat erreferentzia diren helduak dira maiz min ematen dietenak. Babestu beharko lituzketenak erasotzaile. Gai oso konplikatua da. Eta horri gehitzen badiogu sexualitatea, akabo. Sexu erasoez ari al zara? Bai, baina horri heldu aurretik gauza bat: Haien amek pairatzen duten indarkeriaren zuzeneko biktimak dira umeak. Indarkeriak ez du derrigor esan nahi kolpe edota irainak daudenik, ez du zertan fisikoa edo hitzezkoa izan. Adinez txikikoak indarkeria-ingurune batean hazteak esan nahi du borroka-giroa bizi dutela, maitasun eza dagoela eta komunikazio gabeziak daudela. Eta komunikazio ezak indarkeria gradu altua gordetzen du batzuetan, ez baitago indarkeria makurragorik inkomunikazioa baino. Agerikoa ez den indarkeria oro identifikatzeko zailagoa da, eta haren inpaktua kaltegarriagoa da gainera, bereziki gauzak desberdintzeko gai ez direnentzat. Haur batek ikusten badu gehien maite duen pertsonari min ematen diotela, nork eta gehien maite duen beste pertsonak… Ez da gai ongia eta gaizkia desberdintzeko, eta ikasten ari dena bereziki etxean jasotzen du. Umeak zuzeneko biktimak dira. Bestelakoa esatea garrantzia kentzea litzateke, eta umeen babesgabetasun eta zaurgarritasuna areagotzea. Sexu erasoei dagokienez, patriarkalak dira sexistak baino gehiago, neska eta mutilak baitira biktimak, baina erasotzaile ia denak gizonezkoak dira, eta hurbilekoak, aita, aitona, osaba... Egia da datuen arabera biktimen artean gehiago direla neskak, baina diferentziak ez dira nahikoa handiak umeen generoa arrisku faktorea dela baieztatzeko. Plazaratutako ikerketek diotenez, umeen lehendabiziko urteetan zazpi mutiletik batek pairatzen ditu sexu abusuak, eta bost neskatik batek. Adinez aurrera egin ahala neskak dira gehiago. Zazpi eta bostetik batek, hori asko da. Umeen %17ak sufritu ditu sexu gehiegikeriak. Kontua da denbora errealean –biktimak erasoak jasaten ari diren bitartean– kasu guztien %2 detektatzen direla, eta horietatik %1 besterik ez dela salatzen, etxekoek erabakitzen dutelako isilpean mantentzea. Zaila da beraz profilez hitz egitea, %98 ezezaguna baitzaigu. Baina ikerketa gehienak bat datoz: Umeen ia %20k sufritu du sexu erasoren bat. Sinestea era kosta egiten zaigu… Ikusezinak baitira, isilpean geratzen dira. Eta isiltasuna apurtzeko onena zer den? Hitz egitea. Zuri ez dizu inguruko inork kontatu umea zenean sexu gehiegikeriak sufritu zituela? Guztiok dugu inguruan kasuren bat. Ohikoa da. Galdetzeak berak ere beldurra ematen digu, ordea. Zuri bihar lagunik onenak kontatzen badizu sexu-gehiegikeriak sufritu zituela, atzekoz aurrera eroriko zara. Eta esaten badizu bere alabaz abusatu zuela? Komunera joan eta oka egingo duzu, baina ez hainbeste nazkagatik, sustoagatik baizik. "Zer demontre egingo dut nik orain?!" Biktima batzuek latzak kontatu dizkigute, pelikuletan ere ikusten ez ditugunak. Eta beldurra sentitzen dugu, beldurra biktimak gertu izateari, beldurra erasotzaileak gertu izateari. Eta, nola egin behar zaio aurre honi guztiari? Funtsezkoa da kontatu dizutena sinesten duzula eta oso garrantzitsua iruditzen zaizula ikusaraztea. Eta beste gauza bat: sexu-gehiegikeriek ez dituzte konpontzerik ez dauden ondorioak eragiten. Tratu txar guztiekin gertatzen den bezala, horrekin bizitzen ikas daiteke, ahaztu ez baita egin behar. Guk, pertsona helduok, halakoak detektatu nahi baditugu, inguruari adi-adi begiratu behar diogu, zerbaitek kirrinka egiten duenean erreakzionatu ahal izateko. Era berean, umeei irakatsi behar diegu mugak jartzen, haien gorputz eta emozioak ezagutzen, eta garapen psiko-sozialerako gaitasunak  lantzen. Baina umeak ezin du eragotzi sexu-gehiegikeriak sufritzea. Besterik esatea ume horiek erruduntzat jotzea litzateke. Biktimari argi azaldu behar zaio berak ezin zuela gertatutakoa eragotzi, kasu askotan ez baitago indarkeriarik, manipulazioa baizik. Berarentzat berezia den pertsona bat denean halakoak egiten dizkiona, gertatzen ari dena ulertzea ere kosta egingo zaio, eta litekeena da sexuaz gozatzea, edo parte hartzea, ez baitaki sexua nola-norekin praktikatzen den. Horrek ez du esan nahi umeek ezin dituztenik detektatu –eta komunikatu– gustuko ez dituzten jarrerak, baina harreman afektiboa dagoenean defentsak erabat jaisten dira. Ezinbestekoa da, bestalde, agente guztiek elkarlanean urratsak ematea: justiziak, hezkuntzak, administrazioek, etikaren alorrean dabiltzanek (giza eskubideetan adituak, esaterako), biktimekin esku hartzen dugun elkarteok, parte-hartzea sustatzen dutenek… eta zuek, hedabideek. Gomendiorik? Ez alarma sozialik piztu, eta ez dramatizatu. Sarri entzuten dugu: "Gaixoa bortxatua izan den umea". Ez, "gaixo" hori ken ezazu, faborez. Bortxatua izan da, kito. Albisteen bitartez pertsona horiek nola ahaldundu pentsatu behar dugu. Biktimak ez du behar irakurtzea "gaixoa zu", zera esatea baizik: Biktimatzat aitortzen zaitut, sinesten dizut eta zure mezuarekin bat egiten dut: hau akabatu beharra dago.
news
argia-7ecfc0591c08
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/andoni-canela-naturaren-argazkilaria.html
"Giza jarduerak animalia basatiengan zer ondorio hilgarri dituen erakutsi nahi dut"
Reyes Ilintxeta
2016-11-27
"Giza jarduerak animalia basatiengan zer ondorio hilgarri dituen erakutsi nahi dut" El viaje de Unai dokumentala da Andoni Canela argazkilariaren azken lana. Hamabost hilabetez familia osoa ibili da munduan barrena galzorian dauden zazpi animaliaren bila. Ia guztiok txikitan egin nahiko genukeen bidaia da edo gure seme-alabekin egin nahiko genukeena. Film honetan, animaliek aske bizitzeko duten eskubidea ilusioz aldarrikatzen du Andoniren semeak, Unai narratzaile txikiak. Noiztik datorkizu animaliei argazkiak ateratzeko zaletasuna? Tuterakoa naiz, hangoa dut aita, eta ama Bilbokoa. Tuteran bizi izan nintzen unibertsitatera joan arte. Bardean asko ibiltzen nintzen. 13-14 urterekin paisaien eta animalien bila ateratzen nintzen Ebroko ertzean eta hango mendietan. 16 urterekin hasi nintzen argazkiak egiten. Nola iritsi zinen naturaren argazkilari profesionala izatera? Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan ikasi nuen kazetaritza, baina oso gutxi joaten nintzen eskolara. Hirugarren mailan hasi nintzen hainbat aldizkaritan eta egunkaritan nire lanak argitaratzen. Gerora liburuak eta erakusketak etorri ziren. Hortik bizi daiteke? Duela lauzpabost urte arte nahiko ongi bizi zintezkeen, baina azkenaldi honetan, krisiaren eraginez, jende askok utzi behar izan dio horretan lan egiteari. Nik, zorionez, badut aski lan. Nire egiteko modua nahiko berezia da, epe luzerako proiektuetan egiten dudalako lan. Argitara eman ditudan liburuetako batzuetan bizpahiru urte aritu izan naiz gelditu gabe. Artikoaren inguruko erakusketa prestatzeko hainbat urte behar izan nituen. Normalean egiten ditudan lan gehienak enkarguzkoak dira edo aldez aurretik jasotzailea ziurtatua dutenak. Beti ibili zara munduan barrena? Karrera bitartean lagun batzuek kiosko-liburudenda ireki genuen Kazetaritza fakultatean, eta ikasturtea amaitu bezain laster alde egiten nuen nire kamera eta kanpin-dendarekin. Bospasei urtez uda osoa eman nuen Afrikan. Hasieran idatzi egiten nuen, baina poliki-poliki argazkia joan zen lehentasuna hartzen. Lehen unetik gizakiak ingurumenarekin duen harremanaren inguruko erreportajeak egin izan ditut. Lehena, adibidez, erronkariarren ardi bidea izan zen, La Vanguardia k argitaratu zidan. Animaliak beti protagonista? Gero eta gehiago joan nintzen animaliengana hurbiltzen, baina oinarrian beti dago gizakiaren eta animalien arteko harremana. Azken bidaia honetan, adibidez, zein animalia dauden jazarriak, masakratuak eta desagertzeko arriskuan begiratzea eta horietarik kontinente bakoitzeko bana aukeratzea izan da abiapuntua. Gizakia ez da ikusten nire argazkietan, baina animaliengan duen eragina mezuaren mamia da. Animalien biologia edo izaera azaldu baino gehiago, nik erakutsi nahi dudana da zer ondorio hilgarri dituen giza jarduerak animalia basatiengan. Hortaz, naturaren inguruko dokumentalak dira nireak? Bai, baina hori baino gehiago ere bai. Unai eta Amaia Canela Andoniren seme-alabak. Argazkia: Andoni Canelak utzia. Planeta suntsitzen ari gara? Garapen bidean dauden herrialdeetan natura elkortzen, agortzen ari dira. Besteetan, gutxi gorabehera, babes neurriak ari gara ezartzen eta hainbat kasutan eraginkorrak direla esan daiteke. Hirugarren munduan lehen munduaren multinazionalak ari dira baliabide naturalak basaki ustiatzen. Hau gaur egungo kolonialismoa da. Oihan tropikalak eta beste ekosistema asko ari dira desagertzen ustiapen zuzenengatik edo klimaren aldaketaren ondorioz. Estatistiketan argi ikusten da nola espezie batzuk ari diren desagertzen edo gainbehera garbian. Hemen lortu badaiteke lurzoru baten birkalifikazioa modu "legezkoan", garapen bidean dauden herrialdeetan zer esanik ez. Han borondate politikoa eta behar den guztia oso erraz erosten dira negozioak egiteko. Orain palma olioarengatik Asiako oihan tropikaletan gertatzen ari dena ikaragarria da. Nola sortu zen hamabost hilabeteko bidaiaren ideia? Nire bidaietan normalean bakarrik joan izan naiz eta etapa motzetan. Hau erabat desberdina izan da. Oraingoan familia osoa joan gara eta dena jarraian egin dugu. Hasieran, bidaiaren helburua hainbat aldizkaritarako argazki erreportajeak egitea zen. Hogei bat egin nituen. Gerora iritsi zen liburua egiteko aukera, La llamada del puma , 272 orrialde, 150 argazki, Meritxellen testuak eta Unairen marrazkiak. Odile Rodríguez de la Fuentek egin zuen hitzaurrea. Azkena El viaje de Unai izan da, hilabete horietako kronika haurrak bere hitzetan kontatua. Hori dena Looking for the Wild izeneko proiektuan kokatzen da. Egitasmoak hainbat fundazio eta entitateren sostengua izan du, besteak beste, Félix Rodríguez de la Fuente Fundazioarena, eta elkarlanean ari gara P.A.U. Education argitaletxearekin familia eta eskolei zuzendutako Learning in the Wild heziketa proiektuan. Harrituta gelditzen ari naiz jendearen erreakzioarekin. Ikusleak hunkitu egiten dira izugarri. Bukaerako mezua ongi iristen ari zaio ikusleari, baina beste asko ere bai. Zergatik hautatu dituzue zazpi animalia horiek? Hauek aukeratu ditut: otsoak Kantabriako Europako mendietan, Namibiako basamortuko elefanteak, Patagoniako pumak, Ipar Amerikako bisonteak, Antartikako Papua pinguinoa, Thailandiako kalaoak eta Australiako krokodiloak. Gizakiek animalia horiek sarraskitzeko dituzten arrazoiak erakutsi nahi genituen. Ipar Amerikako bisontea adibidez. Ba omen ziren 40 edo 50 milioi ale, zuriak iritsi arte. Ia guztiak akabatu zituzten, Yellowstone parkean 50 aleko talde txiki bat utzi arte. Zergatik egin zuten halako holokaustoa? Bertako indiarrak akabatzeko, larruekin negoziatzeko, munizioa oso merkea zelako… Basamortuko elefanteak hiltzen dituzte boliarengatik, baina mesede politikoen truke. Thailandiako kalaoak hiltzen ari dira haien lumak eta mokoak saltzeko, baina gehienbat oihan tropikalak suntsitzen ari direlako ari dira desagertzen. Olioa ateratzeko palma plantazio ikaragarriak jartzen ari dira neurririk gabe. Bestalde, Antartikako pinguinoak klima aldaketaren ondorioak zuzenean ari dira pairatzen. Australian berriz, duela gutxira arte krokodiloak hiltzen zituzten pertsonentzat arriskutsuak direlako. Galzorian egon zen toki askotan eta orain babestuta dago. Hori da herrialde garatu eta garapen bidean daudenen arteko alde nagusia. Babes neurriek, gutxi gorabehera, funtzionatzen dute. Katamotza, eguzki-arranoa… galtzear egon dira Iberiar Penintsulan. Egia da otsoa mehatxua dela abereentzat, baina sarraskia ezin daiteke izan irtenbide bakarra. Elikagai ekologikoen inguruan ere kontraesanak izaten dira batzuetan. Gazta ekologikoa egiten dutela esaten dute batzuek, adibidez, baina otsoa gertu izatea ez dute nahi.   Unai pinguinoei begira. Argazkia: Andoni Canelak utzia. Nolakoa izan da lanaren antolaketa bidaian? Toki bakoitzean bizpahiru hilabete egon gara. Dinamika oso sinplea zen: iritsi, kokatu eta ikusteko oso zaila den animaliaren bila hasi. Eszena batzuk hainbat egunetan daude grabatuta, baina egun berean eginda daudela dirudi, egunero toki berera eta ordu berean joaten ginelako. Horrela, ikuspuntu desberdinetatik grabatzen ahal nuen, nahiz eta kamera bakarra izan. Plano gehienak, hiru laurdenak, nireak dira, baina Unai semea ere hasi zen plano batzuk hartzen nik argazkiak egiten nituen bitartean, eta horietako askotxo erabili ditugu gero filman. Hasieran, dardara egiten zioten eskuek, batez ere teleobjektiboak handiak direlako, baina gero eta hobeki aritu izan da lanean. Laster konpetentzia eginen dit! Bidaia amaitu ondoren beste hamabost hilabete aritu gara muntaketa egiten: bideo irudiak, argazkiak, zuzeneko soinua (lehoien orroak, otsoen uluak…), musika, narrazioa, marrazkiak… Gidoia Meritxellek, Julio Mazarico Tuterako idazle eta adiskideak eta Unaik berak egin dute, eta hiru bertsio grabatu dira: gaztelaniaz, katalanez eta ingelesez. Zer nolako esperientzia izan da Unai eta Amaiarentzat? Izugarri gozatu dute. Ohituta daude halako gauzetara. Unaik bederatzi urte bete zituen Alaskan aurora borealak ikusten. Hartzak, katamotzak, otsoak… ezagutzen dituzte. Animalia horiez gehien dakiten adituekin hamaika aldiz hitz egiteko aukera izan du Unaik eta izugarri ikasi du, baina hala ere hunkitzen segitzen du animaliak askatasunean ikusten dituenean. Bidaian oso toki desberdinetan bizi izan gara. Namibiako basamortutik Antartidan 25 gradu zero azpian egotera pasa gara. Unai bi eskolatara joan zen bidaian. Australian, herrixka batean ginen eta hango eskola publikora joan zen haur aborigenekin. AEBetan, Coloradon, 1.500 metroko altueran zegoen herri txiki batean ginen eta hango eskola publikora joan zen. Gainerakoan etxean ikasten zuten Meritxellekin. Irudi lezakeena baino askoz ere errazagoa izan da guztia. Arropa, adibidez, baldintza klimatologiko guztietarakoa behar genuen. Thailandian, hotelean gorde ziguten neguko arropa eta Namibian autoa alokatu genuen tokian gordetzeko eskatu genien. Argazkia: Andoni Canelak utzia. Amaia txikia, protagonista jaten duen urrezko sekundarioa. Bai, egia. Zoragarria da. Gainera seguruenera, bizitza guztirako bere lehenbiziko oroitzapenak bidaia horretakoak izanen dira. Lur orotarikoa da: edozein gauza jaten du, edonon egiten du lo… Muturreko tenperaturetan bizi izan gara eta ez genuen ezer izan. Soilik Amaiak izan zuen hiru eguneko katarroa Ipar Amerikan, 15-20 gradu zero azpitik geundela. Unaik orkatila bihurritu zuen paperezko hegazkin batzuen atzetik korrika zihoala lau metroko aldapa batetik erorita. Beste egun batean, Afrikan, sabela nahasi zitzaion. Besterik ez. Estres eta kezka ezarengatik izanen da. Ez dakigu. Baina animaliekin arriskurik ez dugu izan. Afrikan, adibidez, autoaren gainean jarritako bi dendetan egiten genuen lo eta gauean ezin ginen handik jaitsi ezta pixa egiteko ere, lehoiak inguruan ibiltzen zirelako. Askotan izan naiz toki horietan guztietan eta badakit non egon daitekeen arriskua. Eskorpioi batek hozka egiteko, adibidez, burua zapaldu behar diozu, bestela alde egiten du. Oso zaila da. Ez gara arriskuan jarri. Agian, arriskutsuagoa izan daiteke hemen etxetik lanera autoz joatea. Nolakoa da bidaia honetan garatu duzuen heziketa proiektua? Alde batetik, bidean ezagutu ditugun eskola batzuk beste batzuekin harremanetan jarri dira animalien suntsipenaz hitz egiteko. Adibidez, Patagoniako eskola bat Galiziako batekin aritu da lanean. Patagonian pumarekin egiten ari direna Galizian otsoarekin egin zutena delako. Abereentzat arriskutsuak zirelako akabatu zituzten eta gauza bera gertatzen ari da orain pumarekin Argentinan eta Txilen. Horrez gain dokumentala hainbat eskolatan emanen da eta zinema areto batzuetan ere jarri nahi genuke. Bartzelonan bost astez izan da ikusgai eta aretoa beteta egon da saio guztietan. Estatu osoan 70 emanaldi baino gehiago egin dugu eta izugarri gustatzen ari zaio jendeari. Eta hemendik aurrera? Joan den urtarriletik abuztura beste itzuli bat eman diogu munduari. Mediaset taldearen enkarguz hainbat saio grabatu ditugu hainbat tokitan. Oraingoan ez da jarraia izan, baizik eta hiru-lau astetako egonaldiak eta telebista talde baten konpainian. Argazkilaria lanean harrapatua. Argazkia: Andoni Canelak utzia.
news
argia-0fe080b67d45
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/jesus-jaio-eta-2016-urtera-azken-oliba-uzta-tristea-palestinako-beit-jalan.html
Jesus jaio eta 2.016 urtera azken oliba-uzta tristea Palestinako Beit Jalan
Pello Zubiria Kamino
2016-11-27
Jesus jaio eta 2.016 urtera azken oliba-uzta tristea Palestinako Beit Jalan Herodesen garaian erromatarrek olibondoak ekarriz geroztik, hogei mendez urteko sasoi alaiena izan ohi da Palestinako herri askotan urri-azarokoa, oliben uztaroa. Aurtengoa biziki tristea suertatu da Betleem ondoko Beit Jalan: Israelgo armadak herriko soro oparoenak okupaturik bere defentsako harresia eraikitzeko, azken oliba bilketa izango dutela sumatzen dute palestinarrek. Ez nazioarteko irudiak eta ez lekuko apez katolikoen eukaristiek, deusek ez ditu gerarazten kolono juduak. "Palestinarrek negarrez biltzen dute Cremisan ibarreko azken oliba uzta", idatzi du Sheren Khalelek Aljazeeran .  Israelek apartheid-harresia luzatzeko betirako urrundu nahi ditu Ekialde Hurbileko oliorik mitikoenetakoa ematen duten soroak bere betiko jabe palestinarrengandik. Kazetariak ikusi duenagatik, urte osoan kasik zaindu gabe egon diren olibondoak kimatu gabe eta aspaldiko itxura itsusienaz daude. 300 hektarea bete arbola, azeitunarik ederrenak eman ohi dituztenak, ezin izan dituzte zaindu beren jabeek, armada juduak ezarritako oztopoak direla medio. Ricardo Jaweejatek, belaunaldi askoz olibondootatik bizi izan den familiakoak, esan du: "Ez naiz etorri urte osoan zehar, begira kimatu gabeko altsuma horiei, ikus karrikatik ekarrita utzi dituzten zakarrok. Israeldarrek lurrok berenganatu behar zituztela esan zutenetik ahalegindu naiz ez etortzen, arriskutsua da hemendik ibiltzea". Aljazeerako kazetaria horren lekuko. Erreportajea egiten ari zela, bidean zeharkatu dute jeep militar judu bat. "Ezin dugu ezer horien kontra. Etorri eta nahi dutena egin edo harrapatu dezakete", diotso Jaweejatek. Gauza da Israel eta Palestinaren arteko itunak ezartzen dituen hiru segurtasun eremuetatik, Beit Jala A zonan dagoela, osorik palestinarren kontrolpean. Hori teorian da, ordea. Eremuaren erdian dago Gilo izeneko kolonia judu ilegala, eta hura defenditzeko Israelek basea ezarri du muino batean. Patruilen joan-etorriak eten gabeak dira, osorik Israelek kudeatutako C eremua bailitzan. Beit Jala kokaturik dago Cremisan haranean , Jerusalemetik Betleemeraino luzatzen den ibar oparoan. Bere baitan hartzen du Cremisan santutegi ospetsua, ardo eta olio ezagunen ekoizlea, gaur apez salestarren jabegoa dena. Betleem inguruotan asko kristauak baitira. Palestina osoan ere 1948an %18 ziren hemen kristauak eta gaur %2 izatera murriztu dira, asko aipatu ez den exodoaren ostean. Tel Aviveko gobernua palestinarrak Cremisaneko ortuetatik kanporatzeko operazioa hasita, Palestine Monitor webguneak egin dio hilabeteotan jarraipena palestinarren kontrako hamaikagarren zigorrari. Joan den abuztuaren 17an iritsi ziren militarrak beren bulldozerrekin eta hiru astetako lanaren ostean Beit Jalako 58 familiaren bizibidea desegin zuten, fruitu arbolak erauzi eta lurrazala hondeatuz. Ez baserritarrek,  ez kazetari edo abokatuek ikusi ahal izan dituzte egindako kalteak aste luzez Ehunka urtez arbasoak alorrotan nekazari eduki dituen Issa Elshatleh esan zuen: "Duela 2.000 urte Jesus olibondoon itzalean eseri zen! Gure lurra da, gure etorkizuna, gure historia, gure memoria. Ikusten ditudanean arbolak ebakitzen eta errotik ateratzen, nire atalak erauziko balizkidate bezala egiten didate min. Alde egiteko gogoa sentitzen dut, daukadan guztia horietan dagoelako. Baina ez dakit zer egingo duten gure haurrek". Bederatzi urte eman dituzte Israelgo gobernuarekin auzitan sartuta Beit Jalako baserritarrek, segurtasun aitzakian Zisjordaniako herri palestinarrak juduen bizilekuetatik, eta bide batez lurrik emankorrenetatik, bereizteko eraikitzen duten hesi erraldoiak ez zitzan zeharkatu Cremisan haraneko baratzeak. Apirilean Auzitegi Gorenak arrazoia eman zien arren, gobernuak helegitea aurkeztu eta uztailean Gorenak militarrei baimena eman zien berei zerizkien lekutik urratzeko harresia. Segurtasun aitzakian lur-lapurreta Jonathan Cook Nazarethen bizi den kazetari ingelesak idatzia duenez, urri eta azaroko dozen erdi astez Palestinako ibar eta muinoak azeitunak biltzera etorritako familiaz betetzen dira, gazte eta zahar olibondoen oinetan beren arbasoen oso antzeko bizimodua eginez. Zisjordaniak dauzkan 10 milioi inguru olibondoen inguruan familia eta komunitateko elkartasun bat ospatzen da, mila urteotan kasik aldatu ez den komunio bat naturarekin eta bere oparotasunarekin. Israelen okupazioaz geroztik "uzta bilakatu da palestinarren azken erresistentzia gisako zerbait: gizabanakoak uko egiten dio alde egiteari, taldeak uko egiten dio garbiketa etnikoari". Aldi berean, garrantzia ekonomiko itzela ere badu, 100.000 familiaren eguneroko bizimodua baitago arbola horiei loturik. Olioak pisu handia du Palestinaren Barne Produktu Gordinaren %13 osatzen duen nekazaritzan. Baina 1967an Zisjordania, Jerusalemen ekialdea eta Gaza bereganatu ostean, Israelek ekin zion palestinarren baratze eta olibadiak konfiskatu, estatuaren lur bihurtu, erauzi, batzuk nazio parke bilakatu eta horietan kolono juduen herri berriak eraikitzeari. Errotik atera eta erretako milaka olibondoak izan daitezke garbiketa etnikoaren ikur. Beit Jalak ekoizten ditu Palestinako azeituna onenak, diote harro bertakoek, "limoi lurrina duen olioa" ematen omen dutenak. "Olioa ikusiko duzu egunero hemengo otordu guztietan, gosari, bazkari eta afari. Horregatik sekulako eragina dauka Beit Jalako jendeen bizimoduetan", esan du herriko parrokoa den Aktham Hijazim apaiz katolikoak. Israeldarren planen kontra borrokatu dira hasieratik apaiz eta moja kristauak, Internetez erraz aurki daitezke horien argazkiak meza ematen edo otoitzean bulldozer eta patruila armatuen aurrean protesta baketsuan olibadietan. Uztaileko epaian Israelgo Gorenak ebatzi zuen arren apartheidaren harresia pittin bat aldentzea komentu eta elizetatik, Aktham apaizak segitzen du protestak babesten: "Bakoitzak bere aldetik jota ez dugu deus irabaziko, ez santutegiek eta ez jendeak, zeren eta haiek lurra berdin urratzen segitzen baitute. Gure garaipenak ez du ezer balio ez baditugu jendea eta lurra babesten". Israelek ez du atzera egingo, bere lurraldea palestinarren bizkar zabaltzeko estrategia zorrotz kalkulatuta dago eta. Beit Jalako kasuan, harresiak lurrik oparoenak beren jabe legitimoei kendu eta hesiaz bestalde utziko ditu hasieran ilegalak eta denborak aurrera jo ahala behin betiko bihurtzen diren Gilo bezalako kolonien esku. Beit Jalako olio kooperatiban ere triste daude, aurtengo uzta txarra izaten ari baldin bada ondorengo urteetarako ezin dutelako askoz hobea espero. Azeitunak bertako errotan galkatzeko zain dauden nekazarien ilaran aurten gutxi dira Cremisan ibarretik etorriak. Ricardo Jaweejat etsipenez mintzatu zaio kazetariari: noizbait bere familia Cremisan ibarrera itzuliko den itxaropena eduki nahiko luke, baina aitortzen du sekula ez duela ikusi lapurtutako lurrak berriro jabe palestinarrei itzultzen.
news
argia-3ba8b3922a7e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/etorkizunaren-argi-ilunak.html
Etorkizunaren argi-ilunak
Amaia Alvarez Uria
2016-11-27
Etorkizunaren argi-ilunak Mayi Pelot urriaren 6an hil zen eta kritika honekin omenaldi xume bat egin nahi diot. Zientzia fikzioa landu zuen ezagutzen dizkiogun bi lanetan, ohikoa ez zena bere garaian: Xabier Mendigurenek egin zion kritikan dioenez "azpimarratzekoa da, itxura denez Mayi Pelot dugula zientzia fikzioa lantzen duen euskal idazle bakarra". Itxaro Bordak eta Josu Landak 1986an Susa aldizkarirako egin zioten elkarrizketan ipuin hauek idazteko erabili zituen iturriak aitortu zituen: Bradburyren ametsen erabilera eta mundu berriak asmatzea, Asimoven unibertso eta zibilizazioen sormena eta egiak esatea, Farmer-en izakien sormena eta sexu, arima eta erlijio gaiei buruz hitz egiteko ausardia, P. Dick-en ero eta umoretsu jokatzeko aukera, edo M. Demuth-en hitzak sortzeko eta erotismoa tratatzeko modua. Hala ere, errealitatetik eta mitologiatik ere edango du, eta gertaera sozio-politiko-ekonomikoak kontuan izango ditu eta zientzia fikzioak kritika soziala egiteko ematen duen aukera aprobetxatuko du. Egiturari dagokionez sei ipuin hauek hiru multzotan banatu daitezke: Miren, Boga Boga, Feed Back eta Telelaberintoa istorio beraren alderdi desberdinak dira. Bertan, 2050. urtean III. Mundu Gerraren osteko mundua marraztuko digu. Sei herrialdetan banatuta dago Lurra eta tentsio geopolitikoak daude haien artean. Egileak testua idatzi zuenean Ayatolah Jomeiniren botere-hartzea eta gerra nuklearraren beldurra ziren kezka nagusietako bi. Gaurkotasunik ez dute galdu gaiok M. Houellebeq-en Sumisioa lanaren argitalpen polemikoa edo Ipar Koreak aurten egin dituen proba nuklearrak gogoan hartzen baditugu. Plist Plasten ordea, 3520. urtean kokatzen gaitu bitan banatuta dagoen planeta bat asmatuz eta protagonista iheslariaren atzetik doan gizon burusoil eta robot hiltzaileekin. Harremana ipuinean aldiz, mitologia nordikoetatik eta Wagnerren Siegfried operatik Wotan eta Erda hartu eta alegia bat sortzen du bizitza, heriotza, gerra, bakea, maitasuna eta sexua erdigunean jarrita. Ikuspegi askotatik begira dakioke lan honi, ekologistatik lurraren hondamendiarekin; feministatik zenbait emakumeren arteko sareen bidez, klasea eta nazioarekin lotutakoak jende-taldeen arteko borroka aztertzen badugu. Mikel Antzak egin zion kritikan topa daiteke "ez dela errealitatetik ihes egiteko" genero literarioa eta liburua, gogoeta egiteko gonbidapena baizik. Gatazka eta heriotza oso presente egon arren, itxaropenerako atea zabaldu nahi du Pelotek, etorkizunean, belaunaldi berriek, hobeto egiten jakingo dutelako memoria gordez eta mundu berri bat eraikiz.
news
argia-388e5490c0db
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/unai-gaztelumendi.html
"Izan al dugu inoiz porruak ereiten dakien lehendakaririk?"
Garazi Zabaleta
2016-11-27
"Izan al dugu inoiz porruak ereiten dakien lehendakaririk?" Baratzegintzak eta politikak bat egin dute zure komikian. Lotura surrealista xamarra. Jakobari entzun nion behin baratzeaz ulertzen ez duena ez dela euskaldun kultua. Zer pentsatua eman zidan horrek. Halako batean Urkulluren mitin baten zati bat bota zuten ETBn, eta bere eskuetan fijatu nintzen. Ikusten zen esku haiek gehiago probatu zutela ogi masaren leuna eta gozoa eta ez baratzearen lakarra eta zikina. Aitzur gutxi hartutakoak zirela, alegia. Eta nirekiko pentsatu nuen: "Honek ez dik baratzerik izango. Euskaldun kultua izango ote duk?". Hortik tiraka atera zen istorioa. Zer egin behar litzateke porruak noiz ereiten diren ez dakien lehendakariarekin? Izan al dugu porruak noiz ereiten diren dakien lehendakaririk? Patxi López agian…? Lehenbizi Fraisoroko eskolara bidaliko nuke igande arratsaldetan, ikas ditzala lehen sektorearen oinarrizko nozioak. Gero Gasteizko Ogeta pilotalekura eraman dezatela hirutik hirura sikiera sakatzen asmatu arte (honek ez dauka baratzearekin zerikusirik, baina beti estimatzen da lehendakaria sakatzaile ona izatea). Eta azkenik, karguaren zina egin dezala Bizi Baratzea liburuaren aurrean zutunik. Entzun dut lanpostu publikoetarako Baratzeko Gaitasun Agiria eskatzen hastea pentsatzen ari direla… Ez naiz agiri horren batere zalea. Irakurri ditut eskakizunak eta galderak buruz ikasteko ahalmena daukanak erraz gainditzeko moduan planteatuta dago. Seguru, makina bat baratzezale zahar eta ganorazko geldituko direla atarikoan kanpoan. Nik ziurtagiri bat eskatuko nuke. Hiru tomate uzta oparo bildu dituela azken hiru udatan erakusten duena. Sulfatorik gabe, noski. Ba al duzu baratzerik? Eta gauza bakoitza noiz erein buruz dakizu, edo amonari galdetzen diozu? Ez dago ondo nik esatea, baina, Donostialdeako ederrena. Garaiko tomate eta piper berdeak oraintxe ari zaizkit bukatzen. Gainontzean denetik daukat: Zerbak, porruak, kalabaza ugari, tipula, eskarola… baita alberjinia ere (txiki samarrak aurten). Zer du tomatetik Unai Gaztelumendi Arandiak? Baratzezale on eta txarraren arteko diferentzia tomateak markatzen du. Baleko letxugak edozeini ateratzen zaizkio. Tomateak beste dedikazio bat eskatzen du, beste atentzio bat, beste taktu bat. Lasai utzi behar zaio, makilari gehiegi estutu gabe, utzi arnasa hartzen lasai. Horretantxe naiz ni tomate xamarra. Argi tomate onak dituen baratzezalearekin, zerbait badaki.
news
argia-c2b9e01215eb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/amelia-earhart-nikumaroro-uhartean-naufrago.html
Amelia Earhart, Nikumaroro uhartean naufrago
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-11-27
Amelia Earhart, Nikumaroro uhartean naufrago Amelia Earhart abiazioko aitzindaria 1937an galdu zen Ozeano Barean, munduari bira emateko ahaleginean. Handik urte batzuetara Nikumaroro uhartean giza eskeleto bat aurkitu zuten, baina Earhartena ez zela esan zuten, besteak beste humero luzeek gizonezko batena zela adierazten omen zutelako. Orain, TIGHAR arkeologia aeronautikoko fundazioak hezur horien ikerlana berraztertu –hezurrak eurak aspaldi galdu baitziren– eta emakume kaukasoar batenak, beraz, Earhartenak izan daitezkeela jakinarazi du. Beso luzeek, hipotesia baztertu ez ezik, indartu egiten dute, hegazkinlaria gorputz adar luzekoa baitzen, argazkian ikus daitekeenez. Gainera, kremailera zati bat, botoiak eta Ameliaren neurriko zapata bat ere aurkitu zituzten uhartean.
news
argia-933df6aec3b2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/durangoko-azoka.html
ARGIAren mahaian dugu hitzordua
Estitxu Eizagirre
2016-11-27
ARGIAren mahaian dugu hitzordua Durangoko Azokara bazatoz, ARGIAren mahaian opari berezi bat duzu zain: Mozal Legeak ARGIAri jarri zion isunari erantzunez aurten atera dugun azala, poster bihurtuta. Horrelako erasoei aurre egiteko ARGIAren indarra jendea da. Horregatik, ARGIA-jende gehiago egitea eta bakoitzak ahal duen ekarpena egitea izango da aurten helburu nagusia. ARGIAren mahaian eskuratu ditzakezun liburu eta egutegien artean, aurten ere ez da saltsarik eta umorerik faltako. Pasa mahaitik eta esan ARGIAkoa zarela. Posterra emateko aitzakian, elkar ezagutzeko desiatzen gaude. Mozal Legeak ARGIAri jarri zion isunari erantzunez aurten atera dugun azala, poster bihurtuta. Azken bi urteetako Durangoko azoketan asko eta asko dira gu bezala ARGIAra gehitu direnak, eta aurten "harpidetza" eredu berritua eramango dugunez (hurrengo asteko alean sakon azalduko dugu zertan datzan), are gehiago lortzea dugu esperantza eta premia. Misio horretan parte hartu nahi dugunok, badugu hutsik egin ezin duen plan sekretu bat: Mundu hau hobetzeko egin dezakegun gauzarik onenetako bat ARGIAkoa egitea dela konbentzituko ditugu guztiak, 7 argudiorekin. Gero eta ARGIA jende gehiago gara eta gero eta erreferentzialtasun handiagoa du ARGIAk egiten duen kazetaritzak, baina hori ez dugu emaitza ekonomikotan islatzea lortu, oraindik. Durangoko Azokako salmentak ere laguntzen du komunikazio proiektua. Ea ARGIA jendearen gustuko argitalpenak egiten asmatu dugun (hemen dituzue aurkeztuta, banan bana). Altza Porru Euskal Herriko 8 komikilaririk onenetakoek istorio eta umorez ematen digute Jakoba Errekondoren jakintza. Baratzean hamaika gai aurkituko ditugu jorratzeko: euskara, sexua, krimena, politika... Liburua egileek sinatuta eramateko aukera dugu Durangon, ARGIAren mahaian ariko baitira komikilariak. Ezaugarriak: 101 orri, koloretan. Komikilari hauen iruditegia: Antton Olariaga, Joseba Larratxe, Zaldieroa, Unai Iturriaga, Asisko, "Mattin" Martiarena, Ainara Azpiazu "Axpi" eta Unai Gaztelumendi. Prezioa: ARGIAkoontza 18 euro, gainerakoentzat 19,5 euro.   Egutegia Zenbat etxetan hasten dugu eguna ARGIAren egutegiari orria kendu eta aurre eta atzeak irakurriz? 2017ko honek adimena lantzeko amua jarriko digu egunero buruketa eta galderekin, eta memoria berrituko, efemerideekin. Ezaugarriak: Formato txikia (7x11,5 zentimetro), mahaian edo horman jartzeko egokia. 365 orri. Prezioa: 9 euro.   Egutegia zintzilikatzeko ohola Egutegiarentzat neurrira egindako arte lana, horman zintzilikatzeko prestatua dagoena. Etxea apaintzeko edo oparitzeko, elegante. Ohola erosita, aurtengo egutegia doan eramango duzu. Ezaugarriak: Haritzez egina eta eskuz landua. 19x31 zentrimetrokoak. Prezioa: 50 euro (eta egutegia opari).   Ilargiaren egutegia Nekazaritzako gaiei lotua. Argazki deigarriz moldatua eta aurten Pello Zabalaren testuekin osatua. Hilabetero ilargiaren posizioaren berri ematen du eta egutegi biodinamikoaren arabera, eguneroko joera. Hileko lan nagusiak laburbilduta azaltzen ditu. Ezaugarriak: Orri bakoitzak hilabete osoa bistaratzen du. 33x24 zentimetrokoa. Prezioa: 5 euro.   Bizi Baratzea Iazko urtean euskaraz gehien saldutako liburuaren IV. argitalpenean goaz. ARGIAko mahaian eskuratu ahalko duzu, Jakoba Errekondo egileak sinatuta. Ezaugarriak: 173 orri, koloretan. Argazki eder eta diseinu berezia. Prezioa: ARGIAkoontzat 19,5 euro eta gainerakoentzat 23 euro.
news
argia-5631bd5068ca
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/karta-astrala.html
Arima bikiaren bila
Mikel Garcia Idiakez
2016-11-27
Arima bikiaren bila Maitek krisi bat izan du. Zer hobeto, gertatu zaiona ulertzeko, krisi bera bizi izan duenarekin hitz egitea baino? Karta astralen arabera, Maiteren leku berean une bertsuan jaio zenak antzeko zikloak bizi izan ditu eta nortasun berdintsua du gainera. Haren bila abiatuko da Maite, erantzunen premian. Gustuko ditugu bilaketan oinarritutako dokumentalak: Oskar Alegriaren Emak Bakia Baita filmak, Miarritzeko etxe misteriotsu bat aurkitzea helburu, liluratu egin gintuen; Josu Martinezen Gure Sor Lekuaren Bila lanean, pelikula bat berreskuratzeko peskizek harrapatu gintuzten; eta Karta astrala opera primak ez digu hutsik egin. Generoaren klabeak bere egiten ditu filmak: ikuslea konplize egiten duen bilaketa prozesua; bideko oztopo, ezuste eta bihurguneak; bilatzen duena aurkituko ote duen jakin-minez istorioak mantentzen duen tentsioa… Eta freskoa eta naturala da emaitza, baita protagonista bera ere ("aktore lanetan serioski hasteko erran didate!", diosku Maite Bidartek). Bidean lagundu dioten pertsonak ere kamerarik egongo ez bailitzan jardun dira kontu-kontari (aipatzekoa, karta astraletan aditu den emakumearenera bisita egiten duenekoa). Nabari da konfiantza giroan errodatu dutela, bilatze lanetan izandako frustrazioak frustrazio disfrutatu egin dutela, eta hori guztia transmititzen diote ikusleari. Bilaketa prozesu hauetan, bidea bera da interesgarriena, baina bihurguneetan (eta muntaia mahaian) katramilatu gabe, helburua oso argi du uneoro dokumentalak, eta konturatzerako iritsiko gara helmugara, ordu erdiko metrajera heldu gabe. Larrotxenetik Lekeitiora Beste ezaugarri batzuen artean, "filmaren originaltasuna" baloratu zuten Lekeitioko Euskal Zine Bileran, eta pelikula onenaren eta gidoi onenaren saria lortu zituen, amateur mailan. Azaroaren 19an Donostiako Trueban aurkeztu zuten eta jasotako harrera beroa eskertu dute zuzendariek. Hemendik aurrera ere egingo du bidea dokumentalak. Donostiako Larrotxenen, ikus-entzunezko ikastaro batean jaio zen Koldo García eta Maite Bidarteren Karta astrala . Lehenengo lan honekin "hagitz-hagitz pozik" daudela esan digu Bidartek, "batez ere jendeak gustura ikusten duelako". KARTA ASTRALA Dokumentala Zuzendari eta gidoilariak: Maite Bidarte eta Koldo García. Euskal Herria, 27 min. Azaroaren 19an, Donostiako Trueba zinemetan aurkeztua.
news
argia-423771f5c547
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/nabardurak.html
�abardurak
Iker Barandiaran
2016-11-27
�abardurak Estricalla taldeak seigarren lana du honakoa. El Corazón del Sapo eta gerora Kuraia eta Matxura taldeetan aritutako Fer Apoak Kantabriako Kloakao taldeko kideekin egindako apustuak irmo jarraitzen du, ezbairik gabe; eta ez dago etenik, ezin da egon etsaiak dirauen bitartean. Euskal Herriko eta, oro har, Espainiako Estatuko hardcore-punkari izaera eta izatea eman dio taldeak, amorru biziz eta iraultza pedagogiaz, iraganeko jakinduria eta gauzak egiteko modua berreskuratuz eta berrasmatuz. Lorpen handiak egin dituzte orain arte, muturreko estilo hauen zaleei –zorionekoak gu!– aire freskoa eskainiz, ondo sinetsita eta ahaleginduta zuk zeuk egizu ekimen xumeen bitartez ahotsik gabekoen jakinduria luzatuz, kontzientziak iratzartuz eta, ze karajo, barruan duguna ateraraziz. Disko honek, beste guztiek bezala, diseinu, zita, bibliografia eta detaile oso zainduen gordeleku eta adierazle, ertz ugari ditu. Bat-batekotasunari eta oihu egiteko urgentziari arnasa eman eta gehiago hausnartu dute. Ñabardura gehiago eskaini dizkiete kantuei eta tenpoak ere tarteka aldatu dira. Baina ez dute, ez, indarra eta amorrazioa galdu. Aterkills gitarra rockeroak dituen zapatilazko hardcore-punka da, taldearen eguneko gosaria. Krossrock -k gehiago du urgentziazko rocka metalarekin, doinu pisutsuekin eta ia espiralekoekin batzetik. Eta Nik-pizar-nik piezak Life But How To Live it, RKL eta rock borrokalariena ezkontzeko gai da. Hortik aurrera, doinuak eta estrukturak biderkatu egiten dira: MTZTT-438 -k bere baitan hartzen ditu psikodeliaren uzta, rock gogorra, Anestesiaren tamainako pisua eta Kuraia edo Eskandinabiako laka ia orkestrala den entsalada lortuz; eta Bullet Lavolta (AEB) talde errebindikatuaren abeslari Yukkie Gipek parte hartzen duen X-izpian hardcore-punk azeleratua beldurrezko pisuzko psikodelia ipuina bihurtzen da ezinbestez. Metala ere presente dago lanean, eta izenari men eginda Karniborous tb iragarlean thrash-metal astuna eta abiadura handiko melodia batzea lortu dute. Bestalde, ohikoak baino kantu luzeagoak idatzi dituzten honetan, diskoaren soinuaren erantzule garrantzitsua den Mikel Kazalisek (Fidelenea estudioa) 40 segundo pasatxotan zapatilla gabe utzi gaituen XXXprinter hautsa erditu du taldearentzat. Estricallaren marka diren osagaietara itzulita, Lurrunkkor -en abiadura eta amorrazioak arnasa moztu ditu; eta azkenik Abio handiari teklatuekin hegan egiten utzi diote Sokamothor malenkoniatsu eta erritmikoan, zein Zaldiko maldi -k.o epilogoan.
news
argia-64b07900ecf2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/gasteizko-gurasoak-transmisioaz.html
Etxeko altxorra eskolan galduko ote dute?
Miel Anjel Elustondo
2016-11-27
Etxeko altxorra eskolan galduko ote dute? Gasteizko Udalaren eskariari erantzunez, Kultur Kabia enpresak Vitoria-Gasteizko gurasoekin euskararen transmisioaz eginiko ikerketa kualitatiboaren ondorio txostena ondu zuen. Bikote euskaldunak, erdaldunak, mistoak eta etorkinak elkarrizketatuta, lehen eskuko informazioa biltzea eta haiek transmisioaren garrantziaz jabetzea zen helburua. Hiru eztabaida talde eratu zituzten, bost-zazpi kidez osatuak. Taldeetako batean, euskaldunak ziren guraso biak; bigarrenean, gurasoetarik bat zen euskaraduna; hirugarrenean, euskararik ez zekien gurasoetako batek ere. Sakoneko elkarrizketetan, bi guraso etorkinekin mintzatu ziren ikerlariak, gaztelaniaz bi kasuetan ere, magrebtarra zen bata, latinoamerikarra bestea. Gurasoen hautuak Guraso euskaldunei dagokienez, ikerketak zalantzarik gabe erakusten du talde honetakoek garrantzia ematen diotela transmisioari, kontziente dira gaiaren muntaz. Esaterako, inportantea iruditzen zaie euskara beren seme-alaben ama hizkuntza izatea eta, orobat, haiek D ereduan eskolatzea. Gurasoon iritziko, "Gasteizko egoera soziolinguistikoak txarrera baldintzatzen du euren seme-alaben euskara gaitasuna, eta erabiltzeko ohitura". Are gehiago dio txostenak: "Modu negatiboan bizi dute haurren eskolaldia: ama hizkuntza euskara ez duten haurrekin elkartzeak gaztelaniarekiko joera handiagoa ekarri die, eta ondorioz, euskararekikoa apaltzea". Gurasook, bistan da, erabat konbentzituta daude gaztelania batere zailtasunik gabe ikasiko dutela, inguru erdaldunaren indarraren eraginez, eta ez dutela eragozpenik izango, inoiz, kanpoko unibertsitate batera ikasten joaten badira ere, ordu arteko bizialdian euskara hutsean ikasita ere. Guraso erdaldunez osatutako taldeetan, euskararekiko jarrera positiboa dute denek. Are gehiago, denek egin dute, inoiz, euskaraz ikasteko saioren bat edo beste, eta ahal duten neurrian dakiten apurra erabiltzeko ahalegina egin behar dutelakoan dira. Euskaraz hitz egiteko gai ez diren guraso erdaldun hauek motibazio afektiboa dute nagusi, txostenean esaten denez, "identitateari lotutako arrazoiak aipatu dituzte eta, afektibitatearen bigarren zentzu batean bada ere, eurek ez dutena seme-alabei emateko nahia ere agertu dute. Kulturaren ezinbesteko osagai modura ikusten dute". Eskolatzeari dagokionez, eredu euskaldunari garrantzia emanda ere, etxetik ikastetxera duten distantzia ere eskola aukeratzeko faktore dute. Seme-alabek euskaraz ondo ikasiko dute, ez gaztelaniaren maila berean, beharbada, baina bai "euskara erabiltzea borondatearen baitako faktoretzat hartzeko modukoa izateraino". Bikote mistoetan, euskaldunek euskaraz egiten diete seme-alabei. Alabaina, gaztelania da etxeko hizkuntza nagusia: bikotekideen artean ez ezik, baita familiako gainerako senideak tartean direnean ere, nahiz eta bi joera ageri diren: "Alde batetik, modu kontziente eta koherentean jokatzen dutenek euskarari eusten diote, nahiz eta aurrean kide erdaldunak izan; bestetik, gainerako kideak berbaldiaz jabetzea lehenesten dutenak ditugu". Kide euskaldunek seme-alabei euskaraz egiteak, euskara zeharo arrotz duten senide erdaldunen errealitatean, euskarak sarrera izatea dakar. Talde honetako gurasoek garrantzi handia ematen diote ama hizkuntzari, hizkuntzen arteko gaitasuna berdintze aldera, hain zuzen, euskara ama hizkuntzatzat daukatenek errazago eutsiko baitiote bi hizkuntzen arteko orekari. Bikote mistootako kide gehienek gaztelania dute ama hizkuntza, eta "ilusioa", "poza", "harrotasuna" eta gisako sentimenduak bizi dituztela diote seme-alabak euskaraz aditzen dituztenean. Azkenik, guraso etorkinekin izandako elkarrizketa bietan ageri da euskararekin ez dutela denbora luzez harremana izan. Batak beharrezkotzat jotzen du euskara; motibazio instrumentala gabe, kulturala lehenesten du. Diskriminazioa ere bizi izan du, eta alde horretatik, euskaraz jakitea ezinbestekoa iruditzen zaio komunitatean integratzeko. Honek ere harrotasuna sentitzen du seme-alabak euskaraz entzuten dituenean. "Bigarren etorkinak eskolako andereñoaren bitartez izan zuen euskararekiko lehen harremana. Emaitza akademikoak ditu lehen kezka, eta garrantzi handia ematen dio euskarari". Motibazio instrumentala da bigarren etorkinarena. Era berean, garrantzizkotzat du eskola-orduz kanpoko ekintzak euskaraz izatea. Ondorio nagusi zenbait Guraso euskaldunei dagokienez, "berebiziko garrantzia hartzen du gurasoak eredu linguistiko aktibo izateak, euskarazko aisialdia ahalbidetzeak edota etxean haurrak adinean gora egin ahala, euskara erabiltzen jarraitzeak". Txostengileek guraso hauek Gasteizko egoera erdaldunaren nagusitasunaren aurrean bizi duten etsipenari aurre egiteko, honako mezua zuzentzen diete: "Egoera txikiak aldatuta egoera handia aldatuko da". Gurasoek haurren lehenengo urteetan hasitako bideari jarraipena emateko ardura dutenez, "haiei ahalik eta ingurunerik euskaldunena –denboraz eta espazioz–, ahalbidetzen saiatu beharko lukete. Etxetik jasotako euskarari dagokionez, eskolaldia atzerapentzat bizi dute gurasook, eta txostenaren egileek, berriz, interpretazio horrek aktibatzen dituen, edo etsipenera eramaten, galdetzen dute, eta horretaz gogoeta egin beharra azpimarratzen dute. Guraso erdaldunei dagokienez, "aitortu, errekonozitu eta eskertu" egin beharko litzaieke euskararekiko erakusten duten desiragatik, euskaraz jakin nahiko luketelako, eta zuzen edo zeharka ahalegina egin dutelako. Horrek, hala ere, ez du konformatzea esan nahi: "Guraso erdaldunek asko egin dute, baina asko egin dezakete oraindik ere". Halaber, eskolak berak bakarrik haurra euskaldunduko duen ustea kendu beharko lukete gurasook burutik, eta haurra txikia denean gurasoek bizi duten euskararekiko motibazioa –"lilura"–, denboran iraunarazi. "Guraso izan aurretik motibazio eta sentsibilizazio lana areagotu beharko litzateke, eta gurasoen euskara-gaitasuna heltzen ez den eremuetara heldu, familiatik kanpoko eremuen bitartez", guraso hauek euskararekiko duten jarrera positiboan eta motibazio kulturalean oinarrituz, alegia. Bikote mistoen kasuan, kide erdaldunaren errealitatea nolabait euskalduntzen da. Helduleku bat izan liteke, transmisioan aurrerapauso praktikoak egiteko. Senide erdaldunak tartean direnean ere, euskara erabiltzea komeni da, horrek kide erdaldunarengan sentimendu positiboak sortzen dituelako: "Horrela jokatzeak, guraso euskalduna seme-alabentzako erreferente linguistiko egokia izatea ekar lezake". Bide horretan, "ahal dudanarekin euskaraz egiten dut, ahal den guztietan" eskema birsortuko genuke. Guraso etorkinei dagokienez, komunitatean integratzea dutenez kezkarik handienetakoa, integrazioa osorik lortzekotan, euskaraz jakitea lagungarri ez ezik beharrezkoa ere badela azpimarratzea komeniko litzateke. Sorterritik irten eta beste herrialde batera joanda, gehienek beste hizkuntza bat ikasi beharra izan dute, eta, ikasi eta gero, modu positiboan bizi ohi dute egoera, hizkuntz aniztasuna aberasgarri baitzaie. "Eurek beharrak eraginda egin zuten, baina seme-alabentzat askoz naturalagoa izan liteke prozesu hori". Guraso etorkinetako batek esandakoa dugu egiarik biribilena: "Aukera baneuka, hogei hizkuntza ere jakitea gustatuko litzaidake: euskara, arabiera, frantsesa, gaztelania… diren eta ez diren hizkuntza guztiak. Oso ona da mundu guztiarentzat".
news
argia-6486e2a94805
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/euskararen-galera-nafarroa-beherean.html
"Badea norbait?": Amikuzetik begira euskararen galerari
Pello Zubiria Kamino
2016-11-27
"Badea norbait?": Amikuzetik begira euskararen galerari Hona Amikuze, edo Amiküze bertako askok dioten moduan: Nafarroa Behereak Biarnorekin muga egiten duen ipar muturrean, 32 herri, 9.000 biztanle denen artean, hiriburu Donapaleu –Dnaplü– 1.850ekin, lautada zabalez eta muino apalez osatutako paisaia, hazitarako artoa denetan, Europan izena duen Lur Berri nekazari kooperatiba industrialaren sortze eremua, zenbait enpresa ttiki… eta euskararen ezagutza %50 inguruan. Benetan? Benetan, nahiz eta kanpotik hurbildutako euskaldunari kostatuko zaion euskarazko solasik entzutea inon, ez bada ostiral eguartean Donapaleuko ferian eta ostatuetan, 75 urtetik gorako laborari txapeldunen ahotan: amikuztarren erdiak badaki. Donapaleuko karriketan dabilen hegotar despistatuak pentsa lezake galiarrek okupatu badute Xilaba osoa, Amikuze bereziki frantsestea lortu dutela. Baina hemen ere, Aturri eta Biduze ibaiek gozatutako soroen arteko herriotan, badira jende eta taldeak hizkuntzaren hondamendia azpikoz gain irauli nahi dutenak. Euskaraz bizi nahi duten amikuztarrak! Alta, duela 50 urte, Lapurdiko barnealdean eta Nafarroa Behere osoan eta Zuberoan bezala, Amikuzeko herrietan ere euskararen ezagutza %80tik gora zegoen. Euskaltzaindiak 1979an plazaratutako "Hizkuntz borroka Euskal Herrian" liburuak kolorezko lamina deigarriak zekartzan azken orrietan, zeinetan udalerri guztiak euskal hiztunen arabera koloreztaturik ageri baitziren; mapan %80-100 euskaldun irakurri beharreko kolore gorriz ageri ziren Amikuzeko herri gehienak. 1972an Pedro Irizar (1910 Azkoitia- 2004 Madril) hizkuntzalariak Euskal Herri osoan egindako inkestaren emaitzak mapa koloretsuetan bildu zituenean, haietan ageri zen euskararen etenik ez zela Amikuzen: orduko 8.419 biztanleen %81ek hitz egin zezaketen euskaraz, herri gehienetan %90etik gora ziren euskaldunak eta %58,8 Donapaleun bertan. 45 urte beranduago, euskararen ezagutza %50ean dagoela uste da. "Uste da"… zeren eta EDB Euskararen Datu soziolinguistikoen Biltegian ageri denez, eskualdekako daturik ez baita Iparraldean, askoz gutxiago herrikakorik. Zuberoa + Nafarroa Behereak osatutako multzoan 1996an euskara ulertzeko gai zirenak (euskaldunak + ia euskaldunak) %76,3 ziren, 2001ean %76, 2006an %66,2 eta 2011n ere %66,2. Transmisioaren etena are nabarmenagoa da "euskaldunak" atalean, hizkuntza ulertu eta hitz egiteko gauza direnen artean: 1996an %64, 2001ean %60,9, 2006an %55,5 eta 2011n %52,1. Hamarkada bakoitzean %8ko galera honek ikararazten du euskaltzalea. Bilakabideari erreparatu gabe EDBren datuen artean soilik 2011ko argazkiei begiratuko bagenie, antzeko portzentaietan dabiltza Nafarroa Beherea (%52,1 osoki euskaldun) eta Gipuzkoa (%53,3). Kontua da Irizarrek Amikuzen 1972an %80 eta %90 aurkitu zituen bitartean, Gipuzkoan 1981ean euskaldunak % 39,5 zirela. Geroztik batean gora adina egin du bestean behera. Amikuzeko euskaltzaleak urteotan, Iparraldeko gainerakoak bezala, ez dira besoak tolestaturik euskararen hilotza noiz karrikan pasatuko zain egon. 1971n oso goiz sortu zuten Amikuzeko ikastola , 45 urte beranduago haur eskolan eta lehen mailan 11 urte arteko 70 haur biltzen dituena. Helduen berreuskalduntzen saiatzen da AEK, ziento erdi bat ikaslerekin. Eta azken urteotan bateko eta besteko ahaleginak bildu eta berriak hauspotzen Zabalik elkartea ari da. 1983an Manex Erdozainzi-Etxart idazle eta fraidearen omenez Manex Gogoan izenarekin hasita, 1997an ekin zioten Otsail Ostegunak urteroko hitzaldi bildumari. Geroztik Zabalikek lortu du Amikuzen euskaraz bizi nahi duten pertsona eta elkarteen bilgune izatea, elkarlanean jarriz: Kitzikazank antzerki taldea, Amikuzeko Musikariak elkarteko Gait'amik eta Txaranga, Bertsu Eskola, Aldaka gaztetxea, Ikastola, AEK, Kilimon joaldunen elkartea…  Donapaleu erdaldunduko karrikak birritan okupatzen dituzten Santibate eta Libertimendua elkarlan horren erakusgai dira. Euskararen ezagutza eskualdeka 1972an Pedro Irizarren arabera. Nafarroa Beherea osorik %80 gainetik (gorriz) zebilen. 2011n Ikastolak 40 urte betetzen zituela eta "Amiñi bat, amiñi bi" kanpaina antolatu zuten lekuko mugimendu euskaltzaleaz hausnarketa egin eta harroaldi bat emateko. Ahaleginak, tartean, Amikuze eskualdearen historia eta kultura azaltzen dituen " Badea norbait? " liburuan mamitu ziren. Inor ba ote den galdetzea, horra egun argitan beren buruak azaldu nahi dituzten euskaltzaleen leloetarik bat. Baina nola egingo da aurrera ezertan, baldin eta eskolako umeen erdiak baino gutxiago badira euskara ikasten dutenak? Amikuzeko datuetatik abiaturik, euskarak Iparralde gehienean bizi duen egoeraz ohartarazteko azterketa plazaratu du joan den apirilean Zabalikek bere webgunean 2015eko datuekin: " Euskara gure eskoletan: dena eta ez dena… " Hegoaldean ezagunak diren ereduekin alderatzeko, Iparraldeko haurrek Seaskan soilik ikas dezakete D ereduan, inmertsioa deituan, eta Amikuzen haurren %9 baizik ez dira ari. B ereduarekin grosso modo alderatzeko gela elebidunak badira eskola publiko askotan –ez denetan, esaterako Arberatze, Arboti, Arüe, Behaskane, Etxarri, Domintxine, Mehaine, Mithiriña eta Ozerainen sasi-elebitasun aukerarik ere ez da– eta horietan ari dira %40. Gehienek, gainera, lehen mailatik aurrera abandonatuko dute euskararekiko edozein harreman. Azkenik, ume amikuztarren erdia baino gehiago hezten dute Hegoaldeko A eredura ere iritsi gabe  G edo X ereduen antza gehiago daukan ereduan. Eta Zabalikek alarma deia jo du: "Urgentzia egoeran gaude datu hauek ikusten ditugunean. Ondoko urteetan B eredua ez bada orokortzen, eta D eredua kopuru handiagoetara heltzen, jakinki belaunaldi euskaldunenak desagertzen doazela pirripitaka ondoko hamarkadan, lanak izanen ditugu sinesteko oraino Euskal herrian gaudela hemen gaindi". Amikuze bada Ipar Euskal Herrian euskarak gaur oraindik bizi duen gainbeheraren etsenplu zehatza eta gainerako euskal herriei ere zer pentsatua eman die ustez hobeak baina funtsean arras prekarioak diren beren egoerez. Iñaki Caminok 2015eko otsailean aurkeztu zien amikuztarrei beren hizkera zahar kasik hilaren azterketa linguistikoa: Amiküzeko Euskara. Donapaleun aurkezpena egin zion Mattin Irigoien idazleak. Biei galdetu diegu orain arte gertatuen eta aurrera begirako nahi eta ezinen gakoez.
news
argia-eada8bdd0d60
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2531/iruneko-emakumezko-apezpikua.html
Iru�eko emakumezko apezpikua
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-11-27
Iru�eko emakumezko apezpikua Iruñea, 1082. Antso V.a Ramirez (1043-1094) Iruñeko erregeak hiriko apezpikua aldatzea erabaki zuen. Ordura arte bere anaia Gartziak zeukan goi-kargua eta Antso V.ak –edo Antso I.a Aragoikoak, hango errege ere baitzen– beste senitarteko baten esku utzi zuen gotzaingoa. Horraino ezer harrigarririk ez; garai hartan errege-erreginek apezpikuak izendatzeko eskumena zeukaten eta nepotismoa ere, jakina, ez zen kontu berria. Baina erregeak, lege kanonikoaren aurka, emakume bat izendatu zuen Iruñeko apezpiku: Antsa arreba. Urte hartako diploma batean idatzita jaso zenez: in sede episcopale Iruniensis cometissa domna Sancia in conmendatione. Antsa Ramirez 1045ean jaio zen eta 1097an hil. 18 urte zituela Ermengol II.a Urgeleko kondearekin ezkontarazi zuten, familiaren aliantza estrategiak medio. Senarra handik bi urtera hil zen, Zaragozako taifako Al-Muqtadir erregearen aurka borrokan. 20 urterekin alargunduta, senarraren titulua hartu eta Huescako Santa Cruz de la Serós emakumeen monasterioaren ardura hartu zuen. Antso nebaren gortera hurbilduz joan zen eta 1071. urte ingurutik aurrera bere izena nebarenaren ondoan agertzen da dokumentazio ofizialean; gerora, iloba Pedro I.a Aragoikoarenaren agirietan ere Antsa aipatzen jarraituko zuten. Kondesaren itzal handiaren seinale da, baita ere, erregeak hainbat monasterioren eta haiei lotutako lurraldeen ardura haren esku utzi izana: Santa Cruz de Serós bera, San Urbez 1074tik, San Pedro de Siresa 1082tik, Atares 1083tik... Esan bezala, 1082an Antso V.ak Iruñeko gotzain izendatu zuen Antsa, ziurrenik Gartzia anaiarekin zituen desadostasunen ondorioz. Gartzia apezpikua garai hartan Iruñean praktikatzen zen erritu mozarabearen aldekoa zen. Aldiz, Antso, arreba bezala, erromatar errituaren babesle sutsua zen, 1068an Aita Santuari bisita egin zionetik. Hala, erritu mozarabea ordezkatzeko jarri zuen Antsa postuan. Alegia, aita santuarekiko leialtasunak generoak baino pisu handiagoa izan zuen une hartan. Antsa Ramirezek hurrengo urtean, 1083an, utzi zuen gotzaingoa, ezagutzen ez diren arrazoiengatik. Baina San Pedro de Siresako gizonezkoen monasterioaren ardurari eutsi zion 1095 arte, lege kanonikoari muzin eginez. 2015eko urtarrilean Elizabeth Jane Holden eliza anglikanoko gotzain izendatu zuten. Historiako lehen emakumezko apezpikutzat jotzen dute askok, duela ia mila urte, askoz gertuago, Antsak eliza katolikoan titulu bera izan zuela ahaztuta.
news
argia-9eeaf177edcf
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/aragoiko-gobernuak-katalana-hitza-desagerrarazi-du-lege-testuetatik.html
Aragoiko Gobernuak 'katalana' hitza desagerrarazi du lege testuetatik
Onintza Irureta Azkune
2015-02-01
Aragoiko Gobernuak 'katalana' hitza desagerrarazi du lege testuetatik Kultur Ondarearen Legean baino ez zen agertzen gaur egun "katalana" hitza. Bestelako testu legal guztietatik hitz hori ezabatzeko lanak hartuak zituen. PPko Gobernuak "ekialdeko hizkuntza" deitzen dio, katalanaren arrasto oro suntsitu nahian. Vilaweb agerkariak azaldu duenaren arabera, 1999tik indarrean zegoen Kultur Ondarearen Legean baino ez zen agertzen "katalana" hitza hizkuntzari buruz aritzeko. 2014ko abenduaren 31n onartu zuten lege erreformaren ondoren, azken arrastoa galdu da. Honela agertzen da orain Kultur Ondarearen Legean: "Gaztelaniaz gain, Aragoiko hizkuntza berezko, jatorrizko eta historiko dira hizkuntza aragoiarrak, eta hizkuntza modalitate horiek autonomia erkidegoaren iparraldean eta ekialdean mintzatzen dira gehienbat". Lege testuetatik ezabatzeaz gain, eskoletan ere sartu dute eskua. Zaragozako Mequinenza herrian, ikasleek jaso dituzten notetan, "katalana ikasgaia" jarri beharrean "ekialdeko hizkuntza ikasgaia" jarri diete. Eskola komunitatea kexatu egin da eta Gobernuak erantzun du akats informatikoa izan dela. Duela bi urte hasi zuen Aragoiko Gobernuak "katalana" hitza begi bistatik kentzeko bataila eta ordukoak dira hizkuntzen legean sartu zituzten LAPAPYP eta LAPAO ezagunak. LAPAOk Lengua aragonesa propia del área oriental esan nahi du eta "katalana"ren ordez erabili dute. LAPAPYPek berriz, Lengua aragonesa propia de las áreas pirenaica y prepirenaica , esan nahi du eta "aragoiera"ren ordez erabiltzen dute. Katalanaren eta aragoieraren aldeko herritarrek manifestua sinatu dute Gobernuak hartutako erabakion kontra.
news
argia-ff9cf747b3af
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/zabortegi-bat-berreskuratzeko-modu-onena.html
Zabortegi bat berreskuratzeko modu onena
Estitxu Eizagirre
2015-02-01
Zabortegi bat berreskuratzeko modu onena Zangozan landatutako 1.000 horiekin, dagoeneko 20.000 zuhaitz inguru dituzte Nafarroako ikastolen Oinez Basoek. Argia Egunean (Usurbilen iazko irailean) eginiko hazi eta buztin bolak izan ziren zabortegiko lurrak berreskuratzeko argiazaleon ekarpena. Zerua argi eta giro gozoan ageri zen La Celada eremua urtarrilaren 17an. Migak, txistorra eta ardoarekin indarrak hartuta ekin diote auzolanari. "Auzolan", bati baino gehiagori entzun diot hitz hori euskaraz, hitz hori bakarrik, "en auzolan" deklinatuta. Eremua zehaztuta dago, eskarmentu handien dutenek zuloak eginak dituzte, landareak prest daude... haurretatik aitona-amonetara, lan jostagarria da egin beharrekoa, landarea zuloan sartu eta aitzurraz buztinez ongi inguratzea. Bi orduan helburua betetzat emango dute, 1.000 zuhaixka landatzea. Aurten bertan 3.000 landare sartzera iristea da, ordea, Zangozako ikastolaren Oinez Basoaren proiektua. 3.000 horietatik 1.350 herritar eta enpresek babestu dituzte, oraingoz. Izan ere, Oinez Basoek aukera hori eskaintzen dute, 10 eurorekin landare bat gehitzea guztion ondare izango den basoari. Munduko edozein txokotatik zuhaitz bat babestu nahi duenak www.oinezbasoa.com webgunean du aukera. Proiektuko kideek aitortu digutenez, ikastolaren eta euskararen alde laguntzarik eman ez duten hainbat enpresek dezenteko ekarpena egin dute, ingurumenarekiko zorrak arintze aldera. Ilusio handiz seinaleztatu dute gaztetxoek eurek babestutako landarea, zurezko oholak marraztuz. Batzuek landaketan eta besteak margolanetan ari diren bitartean, ekintzarako gogotsu dabiltzan gaztetxoek euren kasa ekin diote tira-txina erraldoian nendo dango bolak jaurtitzeari. Ez dute lehen aldia. "Makurtu zaitez asko, indar handiagoz botatzeko. Nik txikixeago bat hartu dut, hobeto eusten da"... Zabortegia berreskuratzetik baso jangarrira Zangozakoa Nafarroako ikastolek martxan jarririko laugarren Oinez Basoa da (Arbizu, Tafalla eta Tuterakoa dira besteak). Nafarroa Oinezek eragiten duen aztarna ekologikoa orekatzeko modu bat da, eta eskola bizidun bat ere bada basoa, bere horretan. Zer ikasgela hoberik? Nafarroa Oinez antolatzen duen ikastolak basoa martxan jartzeko aukera planteatzen duenean, saiatzen dira euren basoa besteengandik bereizten. Iker Armentia Zangozako ikastolako kideak azaldu dizkigu landatu berri den baso honen ezaugarriak: "Zangozako zabortegi zaharrean gaude. Duela 8 urte itxi zen zabortegia, eta gure Oinez Basoaren helburuetako bat gune hau berreskuratzea da. Zaborraren gainean nahiz eta lur geruza handia botea dagoen, behean dagoen zaborraren ondorioz lur honetan kutsadura handia dago. Beraz, landatu ditugun landareak bertara ongi egokituko direnak dira: gutxi eskatzen dutenak, txikiak, ur askorik behar ez dutenak: Ezkaia, erromeroa, salbia..." landare aromatikoek egingo diote aurre, beraz, lurrean han-hemenka irteten diren hodi beltzetatik kanporatzen diren gasei. Zabortegiko lurrak berreskuratzeaz gain, beste bi ildo ere izango ditu Zangozako proiektuak. Armentiak jarraitu du azaltzen: "Zangozan baratzea lantzeko ohitura handia dagoenez, hemendik hurbil dagoen 1.500 metro koadroko beste eremu batean baso jangarri bat landatuko dugu. Eta hirugarren hanka bat ere badu proiektuak: hemengo herri denak batzen dituztenak ibaiak dira. Eta inguruotako bi ibai nagusiak, Irati eta Aragoi, Zangozan elkartzen dira. Ibai handi horien ertzetan txorientzako etxolatxoak jarriko ditugu". Hurrengo basoa, Baztangoa Zangozara auzolanera etorri dira beste Oinez Basoetako kideak ere. Jakin-min handienaz ikastera, aurten Nafarroa Oinez festa hartuko duen Baztango lantaldea. Eurena da landatuko den hurrengo Oinez Basoa. Eta bosgarren honek ere bere ekarpen berezia egingo duela azaldu digu Baztango kide Manolo Lizardik: "Baztanen lur eremu osoaren %80tik goiti komunala da. Guk Baztango Batzar Nagusiari eskatu diogu toki berezi batean, kostaldera ematen duten lurretan, Oinez Basoa egiteko aukera eta baimena eman digu". Antolaketa komunalaz gain, sartuko diren landareak izango ditu bereizgarri: Karpea edo pago-lizarra ( carpinus betulus ) eta erramu portugaldarra edo loroa ( prunus lusitanica ). "Loroa erraten dioguna, Nafarroan aurkitzen ahal den toki bakarra Baztanen dago, Urritzateko eskualdean. Eta Iberiar Penintsulan gutxitutako landare bat da. Eta pago-lizarra berriz, Pirinioetatik beheiti Iberiar Penintsula osoan, basa bakarrik aurkitzen ahal da Bortzirietan, Igantzi eta Arantza artean".
news
argia-36e78b215274
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/zorraren-auditoria-grezian-eta-hemen.html
Zorraren auditoria, Grezian eta hemen
Xabier Letona
2015-02-01
Zorraren auditoria, Grezian eta hemen Ilusioa da edozein aldaketarako akuilu nagusia eta Syrizaren garaipenak zerbait ekarri badu horixe da, ilusio haize bolada ederra Troikak menderatzen duen Europako gotorlekura. Ilusioaren aurretik, alabaina, pobrezia, etsipena eta etorkizun eza norbere larrutan jasatea ezinbestekoa bide da bestelako aukerei ateak irekitzeko. Horixe izan da Grezian gertatutakoa eta orain ikusteko dago miseria barreiatu den Europako beste herrialdeetan Greziakoak zein eragin izango duen. Espainian, Portugalen, Italian… pobrezia eta etsipen maila sakonagoa beharko da erantzuteko edo hangoak balio dezake hauek lehenago erreakzionatzeko? Datozen hilabeteetan lehen erantzunak ikusiko ditugu, bereziki Espainian, eta Grezian moduan, Podemos indar politiko berrian finkatuko dira Europa osoko begiradak. Alexis Tsiprasek ate berriak ireki ditu Grezian eta orain guduaren ordua da. Europako demokrazia ereduak erakusten du herritarren sostengua lortuz gero, egiazko alternatiba aurkezten duen indar batek eskura dezakeela gobernua; orain ikusi beharko da, Syrizari horretarako egiazko aukerarik uzten zaion, indar mediatiko eta ekonomiko nagusiak greziar oligarkiaren esku daudenean. Troikak bereziki lagunduko duen Greziaren oligarkia indartsuaren aurka egin beharko du lehenik Tsiprasek; eta, aldi berean, Troika beraren aurka. Oligarkiarekiko borrokan bere pribilegioen murrizketari ekin beharko dio, aberastasuna era justuagoan banatzeko modu bakarra; eta Europar Batasunarekin bere zor publikoaren negoziazioa bideratu beharko du (240.000 milioi euro, BPGren %175), zati bat kitatuz eta beste bat epe luzera bideratuz. Tresna interesgarri zein ezinbestekoa jarri beharko du abian Syrizak horretarako, zorraren auditoriarena. Hego Amerikan egin dira halako esperimentuak, bereziki Ekuadorren, baina ez Europan. Zorraren errealitatea herritarren aurrean biluzteko aukera bikaina da. Denak adierazten du Europar  Batasunak bere alde malgua erakutsiko duela oraingoan, batez ere beste herrialde batzuetan gisa bereko fenomenoak saihesteko. Nola eta noraino? Inork ez daki, baina unea laborategikoa da, Greziakoak egoera berriak ireki ditzakeelako maila guztietan. Irekiko al ditu! Zor kontuetan, hala ere, eskandalua ez da estatuen zor publikora mugatzen, gizarteko esparru askotan ikus liteke nola sistema ekonomiko eta politikoak babesten duen bankuen jarduera, hauen jokamolde ugari moralaren eta herritarren duintasunaren aurkakoak izan arren. Etxebizitzen hipotekak eta etxegabetxeak izan daitezke ezagunenak, baina azpiegitura handien eraikuntzarako instituzioek lotutako zorpetzeetan ere ez da eskandalu gutxi, izan itzaleko bidesarien formulapean egindakoetan edo bestelakoetan. Honako hau, adibidez, gertuko adibide bat da: azpiegitura handi bat eraikitzeko euskal instituzio batek mailegu handi bat eskatzen du. Baina hauteskundeen ondorioz, gobernu aldaketa eta proiektu aldaketa dator azpiegitura horrekiko, eta jadanik instituzioak ez du mailegu hori guztia behar. Baina, finantza sistemak ondo lotuak ditu halako egoerak, bai mailegu handiak eskatzen dituzten azpiegitura proiektu erraldoiak babesteko, eta baita bankuek diru etekinak bai ala bai lor ditzaten ere. Horregatik, baldintza bat jartzen diote instituzioari: dirua emango dizut, baina dirua erabili ala ez, zuk interes bat ordainduko didazu hainbat denboran. Ados, diote agintariek. Baina proiektu berria bideratu duten agintari berriek halako dirutzarik behar ez dutenez, saiatzen dira birnegoziatzen maileguaren baldintzak: ez, ez da posible diote bankuek. Eta adostasunik ez dagoenez epaiketara doa auzia. "Ez –dio epaileak– bankuek arrazoi dute eta zuk –instituzioari– adostutakoa ordaindu beharko duzu". Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioan gertatutakoa  da. EAJk Gipuzkoako Diputazioa kudeatzen zuenean GHK-k mailegua eskatu zuen Zubietako errauste planta egiteko eta swap formulapean lotu Caixabank eta Banestorekin. Ia 60 milioi euroko kostearekin interesetan, urtez urte GHK-k ordaindu behar duena, berdin dio mailegua erabili hala ez. Kasu honetan epaileek bankuen alde egin dute. Zorraren auditoriak zer esango luke? Bai, gauza bat da hauteskundeak irabaztea eta oso bestelakoa sistema aldatzea.
news
argia-ccd07f021959
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/grezia.html
Zein izango dira Syrizaren lehenbiziko neurri ekonomikoak?
Pello Zubiria Kamino
2015-02-01
Zein izango dira Syrizaren lehenbiziko neurri ekonomikoak? Syrizaren lehen gobernuan ekonomia ministro izango den Yanis Varoufakisen hitzetan, Europak ez dio Greziari iturria itxiko "dauzkagun proposamen arrazionalak azaltzen badizkiegu". Yanis Varoufakis (1961) izan daiteke Syrizaren lehen gobernuan Alexis Tsiprasek ekonomia ministro izendatuko duena. The Global Minotaur liburuaren idazle, George Papandreou lehen ministroaren (PASOK) aholkulari aritu zen, haren kritiko zorrotz bilakatu aurretik. 1929ko krisitzarretik berpizteko AEBek ezarri zuten estrategia keynestarra aldarrikatzen du Europarako. Andy Robinson kazetari nekaezinak azken elkarrizketan eskatu dio laburbiltzea Syrizak ondoko hilabeteetan ezarri nahiko duen politika, "Yanis Varoufakis: "Vamos a desmantelar la cleptocracia griega '" artikuluan jaso duena La Vanguardiarako. Hona pasarte labur batzuk: Europako Banku Zentralak (EBZ) Greziari likideziaren iturria ixteko arriskurik ikusten duzu, Troikaren murrizketak ez onartzekotan? Beti daude arriskuak, baina ez dut uste EBZk likidezia kenduko digunik zuzenean joan eta Frankfurt, Paris, Berlin eta Bruselako gure bazkide europarrei azaltzen baldin badizkiegu dauzkagun proposamen arrazionalak. Aste batzuetako tregua eskatuko dugu, politika berri horiek haiei azaldu ahal izateko. Zein izango dira proposamenok? Lau fase dauzkate. Lehenbizi, oso landutako plana daukagu zorrarekin egin beharrekoaz, orain ez naiz xehetasunetan sartuko. Gero, egongo da programa bart erreforma sakonez osatua, guk, eta azpimarratzen dizut guk hori, ezarri nahi ditugun erreformez eta ez Nazioarteko Diru Funtsak edo ELGAk edo dena delakoak inposatutakoez. Alegia, erreforma horiek garbi utziko dute ez gaudela prest berriro 2010ean geunden egoerara itzultzeko. Nolakoa izanen da erreforma? Elitearen zergekiko immunitatea borrokatuko dugu. Kontua ez da soilik zergetatik ihes egiten dutela, kontua da haien errentaren zati handi batek zergarik eduki ere ez daukala. Kleptokrazia bat dago Grezian, bekatuzko triangelu bat hauez osatua: estatuaren hornitzaileak, bankeroak eta hedabideak. Triangelu hori eraisteko erreformak proposatuko ditugu. Eta beste aldetik, emergentziazko neurriak proposatuko ditugu Greziak bizi duen krisi humanitarioari erantzuteko. Europar guztiei interesatuko zaie neurri horiek aztertzea, bai behintzat Egunsenti Urrekararen sutea zabaltzen utzi nahi ez dutenek. Europako liderrek uko egin diote zorrozki Troikaren programa ezertan aldatzea, ez da hala? Guk proposatu behar dugun memorandum alternatiboa zuhurra da eta arrazionala. Horregatik ezin dut sinetsi Europako Banku Zentralak esango digunik "Aski da, jaun-andreok, zanpatu egingo zaituztegu". Zor publikoa jaulkiko dugu Greziako estatuaren hurrengo sei hilabeteotako jarduera bermatzeko. Banku greziarrek erosiko dute eta EBZk eskaintzen duen likideziarentzako bermetzat erabaliko da. EBZk eman dezakeen likideziarentzako muga finkorik ez da. Irlandaren kasuan 70.000 milioitaraino igo zuten. Euroa zatitzea saihestu nahi baldin badute, behar den mailaraino handituko dute likidezia. Soluziorik egon liteke Grezia soilik harturik? Ez. Eurogunean inbertsio bidez ekonomiaren biziberritzea sustatzeko neurriak proposatuko ditugu. Ez bakarrik Greziarentzako, baita ere Espainiarentzako, Irlandarentzako. Syrizak defenditzen du Stuart Holland eta biok prestatu dugun proposamen apala, zeinetan proposatzen dugun Europarako New Deal bat oinarritua inbertsio publikoan, enpleguen sortzean eta zorraren berrantolaketan.
news
argia-228f232501ce
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/bihotz-artifizialari-esker-bizirik.html
Bihotz artifizialari esker bizirik
Joxerra Aizpurua
2015-02-01
Bihotz artifizialari esker bizirik Urtarrilaren 2an bihotz artifiziala jarri dioten 68 urteko gaixo batek senda-agiria jaso zuen, Frantzian. Azken bi urteotan bihotz artifiziala ezarri dioten bigarren pertsona da. Lehenak 76 urteko zeuzkan eta 74 egun baino ez zuen iraun, gorputzeko beste atal batzuk oso kaltetuta baitzituen, antza. Urtarrilean senda-agiria jaso duen gaixoak berriz, gazteagoa izateaz gain, egoera onean ditu beste gorputz atalak. Hala, medikuek uste dute bizimodu egokia izateko aukera edukiko duela. Carmat izeneko bihotz artifizialak hiru kilogramoko pisua du, eta elektrizitatez hornitzeko bi bateria ditu. Gaixoak errebisio arruntak baino ez ditu egin behar izango, eta erabat autonomoa izan da eguneroko bizimoduari dagokionez.
news
argia-6e5558230b05
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/nola-ulertu-oraingo-petrolio-merkea-bi-hipotesi.html
Nola ulertu oraingo petrolio merkea: bi hipotesi
Pello Zubiria Kamino
2015-02-01
Nola ulertu oraingo petrolio merkea: bi hipotesi Petrolioaren prezio merkea da 2015eko gai nagusietakoa. Krisi ekonomikoari irteera erraztuko diola diote batzuek. Ekoizle batzuen amarrua izanik laster bukatuko dela besteek. Duela 12 hilabete 90 edo 100 dolarretan zegoen upela zer dela eta pagatzen da 50 dolarren azpitik asteotan? Hona bi azalpen desberdin agian elkarren osagarriak. Ez du luze iraungo hain merke, idatzi du Alexander Reid Rossek The Ecologist aldizkariaren gunean. "Petrolioaren prezioaren gainbeherak islatzen du Ekialde Hurbilean eremu ideologiko, politiko eta militarrean jokatzen den geruza askoko gatazka, eta ez du luze iraunen. Errusia, Iran eta Venezuelari mezu krudela jakinarazi ostean, Ipar Atlantikoko petrolio konpainiak itzuliko dira beren ohiko etekinetara eta proiektu ez-konbentzional arriskutsuetara". Reid Ross zuzendari ari da Earth First! webgunean eta plazaratu berri du Grabbing Back: Essays Against the Global Land Grab (Ostutakoa itzuli: Lur lapurreta globalaren kontrako saiakerak) liburua. The Ecologist en plazaratu "Petrolioaren prezioa eta deabruaren xantaia" artikuluan laburbildu ditu petrolioaren merkatzea geopolitikaren ikuspegitik aztertzen dutenen argudioak. Hasteko –honetan ia denak datoz bat– prezio apalok erantzuten diote gehiegizko eskaintzari. 2008tik mundu osoan krisian itota dauden ekonomietan erregai eskaria gutxitu egin denez, eskaintza handiegia dago. Prezioak beheraka hasirik, ekoizleen artean estutasunak nabaritzen lehenak izan dira erregaia garestien sortzen dutenak, fracking teknologiarekin ari direnak. Prezio apalon atzean dauden eta aipatu diren arrazoi geopolitikoen artetik hiru nabarmendu ditu Reid Rossek. Batzuek petrolioaren merkealdi bitxi hau ulertzen dute Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen (OPEC ingelesezko sigletan) barruan dauden tirabira geopolitikoen baitan. Beste batzuek zehazki azpimarratu dute Errusiaren atzerri politikaren eragina. The Economist ek aipatu duen Red Army signal fenomenoa: azken hamarkadotan petrolioa hain itxuragabe jaitsi izan dela Errusiak atzerrian militarki esku hartu duen aldi oro. Eta gero daude uste dutenak AEBak daudela guztiaren atzean, Saudi Arabiak morroi lanak egiten dizkiola; horixe da Vijay Prashad indiarrak deitzen duen " dispossession by manipulation ", manipulazio bidezko desjabetzea. Reid Rossek, aurrekoei arrazoia kendu barik, uste du benetako arazoa Irak eta Siriako gerran datzala. "Petrolioaren prezioa hondoratzeak Iraki egiten dio kalte: Iraki eragozten dio Estatu Islamiarraren (EI) kontra borrokatzea, eta EI eroso dago Irakeko hirugarren hiria den Mosulen, gutxieneko zerbitzuak eskainiz. AEBek EIren kontrako guduan kurduei lagunduz lortu dute arrakasta handiena Siria eta Irakeko Iparraldean, baina Turkia haserre bizian dago Irakeko kurduak elkarlanean ari direlako Siriako partean borrokatzen diren Herri Babesaren Unitateekin (YPG)". Kobaneko gudua da adibide nagusia. Turkiak edozer nahiagoko luke bere lurretan kurduen gobernu autonomo bat ikustea baino. Horregatik ari da hain eskuzabal EIrekin. Reid Rossen ustean, kurduek ez badute lortzen EIri bidea moztea, berriro igoko da petrolioaren prezioa, hala interesatzen zaielako ekoizle handiei. Reid Ross ekologismotik ari baita idazten, mezu garbia dauka petrolio merkeak frackinga bezalako teknologia garestiak –jendearen borrokarik gabe– geldiaraziko dituen itxaropena daukatenentzako: laster igoko dira prezioak eta multinazionalek berean segituko dute.          Etekinak 100 dolarretan Petrolio konpainia handien aholkulari aritzen den Arthur E. Berman geologoak ez du gai honetan epe laburreko kalkulu ekonomikoa baizik ikusten, bazterturik geopolitikaren eta berak "konspiraziokeriak" ( conspiracy theories ) deitzen dituenak. Energyskeptic gunean leitu daiteke Bermanen elkarrizketa: " The Real Cause Of Low Oil Prices ". Bermanek bi estatubururen arteko elkarrizketa laburrarekin irudikatu du mamia: "Saudi Arabia elkartu zen Errusiarekin OPECen azaroko bilkuraren aurretik eta proposatu zion Errusiak produkzioa gutxitzen baldin bazuen berdin egingo zutela Saudi Arabiak, Kuwaitek eta Emirerriek. Errusiak esan zuen 'ez' eta Saudi Arabiak esan zuen: 'O.K., menturaz beste ez duzue berdin erantzungo sei hilabete barru'". Epe laburreko kalkuluen ondorioa besterik ez da Bermamentzako. "Saudiak onak dira dirutan eta aritmetikatan. Aukera mingarri baten aurrean zeuden, esan nahi baita, edo dirua galdu produkzioari eutsi eta upela 60 dolarretan salduz, edo bi milioi upel atera merkatutik are eta diru gehiago galduz. Bietan galtzekotan, kalterik gutxiena ematen duen bidetik abiatu dira. Gero bigarren mailako arrazoiak baldin badaude, AEBetan frackingezko petrolioa sortzen dutenei min egitea, edo Iran eta Errusiari min egitea, hori ere ondo zetorkien, baina funtsean diru afera izan da". Bermanen iritzirako petrolioa berriro garestitzen hasiko da aurten, ziurrenik OPECeko herrialdeak ekainean bildu eta produkzioa laburtzea erabakiko dutenean. Inork uste izan badu prezioen apaltze honekin frackingean zentratutako konpainiek lagako dutela beren lana, oker dabiltza Bermanen ustez. Petrolioa igotzearekin hasiko da berriz frackingaren sukarra. Berman kritikoa da frackingaren errentagarritasunaz harrotzen diren askorekin. Teknika horiekin zulatutako hobiek petrolioa 90 dolarretan egotea behar dute kapitala erakarri ahal izateko, nahiz eta beren propagandak zabaldu duen 60 dolarretan ere errentagarriak direla. "Prezio horiek aipatzen dituztenek kostuetan ez dituzte kontatzen zulaketa eta petrolioaren transformazioa besterik, gainerako zamak ahazten dituzte". Eta ezkutatutako kostuetan Bermanek ez ditu kontutan hartzen ingurumenari edo giza osasunari egindako kalteak edo beste asko, zuzenean konpainien jarduerei dagozkienez ari da. Zenbaitek azken hilabeteotan ikusi du Peak Oil famatua gezurtatzeko aukera. Bermanek, aldiz, zalantzarik ez dauka: "Askok uste dute AEBetan petrolio produkzioa handitu izanak erakusten duela Peak Oil a oker zegoela. Baina petrolioaren gailurrak ez du esan nahi petroliorik gabe geratzea. Esan nahi du lehengo ohiko petrolio ezagunaren ekoiztea hasten denean urritzen, etorkizuneko hornidurak iritsiko direla zailtasun handiagoko iturrietatik edo garestiagoetatik". Aditu honen ustean petrolio konbentzionalaren produkzioak goia joa du 2005-2008 urteetan. AEBetan fracking gasak gailurra gaindituko du bost-zazpi urte barru. Eta ondorengo hamarkadetan funtsezkoa izango da gas naturala, Errusia, Iran, Qatar eta Turkmenistanek erruz daukatena. Tarte horretan, irakurle, adi petrolioa berriz 100 dolarretan noiz jarriko.
news
argia-737723d9a8c2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/galder-perez.html
"Zu, ni eta denok gara Fausto"
Myriam Garzia
2015-02-01
"Zu, ni eta denok gara Fausto" Fausto pertsonaia klasikoaren azalean sartzeko proposamena egin digu Galder Perezek bere azken lanean. Fausto, herritar eredugarria. Jatorrizko antzezlana, Bilboko Pabellon 6 aretoko sormen laborategian sortu zen, gaztelaniaz, baina euskaraz ere estreinatuko da, datorren urtarrilaren 29an Donostiako Antzoki Zaharrean, Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan. Fredi Paiak egin du itzulpena. Entseguan harrapatu dugu Galder Perez zuzendaria, urduri, azken ukituak direla-eta. Kontaidazu nolakoa izan den Fausto antzezlanaren jaiotza, nola sortu zitzaizun ideia eta nola garatu den. Gogoak eta beharrak nahasturik sortu zen proiektua. Lander Otaolak, Mikel Losadak eta hirurok aspalditik genuen testu klasiko bat gaurkotzeko gogoa, eta azken urteotan Marloweren Faustorekin zenbait jolas eta saiakera egin ostean, iaz 6. Pabiloian amesten genuena taularatzeko behar genituen baldintzak eta aukera etorri ziren. Hortik gogoa. Eta beharra, gaur egun bizi dugun eta kiratsa darion mundua nola ikusten, ulertzen eta sentitzen dugun kontatu nahi dugulako, ziria noraino sartu diguten taula gainean agertzeko beharra genuelako. Gizarte europarrean bizi dugun fabula faltsuaz ari gara, beraz, eta horren erregina den demokraziaz. Ondoen kontatu eta eraikitako ipuina da demokrazia. Eta horixe, zapaltzen dugun lur labainkor eta kutsakor hau oso gogoko dugu, antza; egunero sinesten dugun gezurra hain potoloa eta agerikoa da... Eta ipuinean bezala, bitartean, libre bagina bezala bizitzera kondenatuta gaude ongizate gizartea deiturikoan. Hori guztia agertzeko ezinbestekoa izan da antzerkiaren eta musikaren inguruan bildutako komunitate utopikoa, sormenaren beharrak eta kontatzeko gogoak elkartutako lantaldea. Horrela joan zen garatzen proiektua. Testua eta horren moldaketa izan genituen abiapuntu. Gero, denon parte hartze zabalarekin, hain talde heterogeneoan, gutako bakoitzak ahal zuen guztia eman zuen. Fitxa teknikoan, luxuzkoa, egun euskal antzerkigintzan zabiltzaten hainbat sortzaile ageri zarete. Diziplina asko nahasten dira proiektuan. Testuari dagokionez, XVI. mendeko C. Marloweren Fausto moldatu genuen Mikel Losada, Lander Otaola eta hiruron artean, eta ondoren Fredi Paiak euskaratu zuen. Rap guztien hitzak, berriz, Endika Lahainerenak dira, eta zuzenean abesten ditu. Berarekin batera, taula gainean lau aktore ari dira: Mikel Losada, Miriam K. Martxante, Lander Otaola eta Diego Perez. Musikari dagokionez, Maisha Mc-k egin du ekoizpena, eta emanaldietan ere zuzenean aritzen da DJ. Soinuak presentzia handia dauka emanaldi osoan, musikak ez ezik, soinuek eta zaratek ere girotzen baitute eszena bakoitza. Soinua bibrazioa da; aktoreek ikusleak ukitzen ez badituzte ere, soinua ikusle eta entzuleen azaletik barruraino sartzen da dardara dela medio. Horri heldu diogu. Irudien bidez, bestalde, hitzen eta soinuen bidez lortutakoa areagotzen da: Zigor Gorostiolak sekulako diseinua egin du argi eta proiekzioekin, giro ilun, kaletar eta basatia sortu du. Horri aktoreen mugimenduak gehitu behar zaizkio: alde batetik, erraietan bizi dugun lizunkeria eta basakeriarena, eta, bestetik, sinetsarazi nahi diguten dotorezia eta handitasunarena. P6ko laborategian sortu zen, lehendabizi gaztelaniaz, eta gero euskal bertsioa etorri da. Antzekoak dira ala bakoitzak ditu bere ñabardurak? Mamia berbera da, kontatu nahi duguna unibertsala baita, barkatu, mendebaldekoa. Beraz, ostikada berdin jasotzen da, hizkuntza edozein dela ere. Baina hizkuntza bakoitzak bere ñabardurak ditu, jakina. Euskaraz lantzen ari garen honek intsentsu usain handiagoa daukala esango nuke... Gure hizkuntzak, eta gure herriak berak ere, agian, elizpean eman, jaso eta jasan duen guztiagatik izango da. Euskarazkoa jostariagoa ere badela uste dut. Ez gaude horren ohituta testu klasikoak entzutera, hitz eta esaldi barrokoak, eta nabarmenagoa da berorika, zuka eta hitanoaren arteko jolasa, hizkera jaso eta kaletarraren arteko kontrastea... Eta erantsi dizkiogun erreferentzia batzuengatik ere, beharbada, euskarazko testua dagokion eremura gehiago gerturatzen da, alegia, ikusleek, obra osoan esaten ez bada ere, Euskal Herrian bertan kokatuko dute antzezlanaren akzioa. Gazteleraz edo euskaraz, antzezle berberak aritzen dira taula gainean? Honek esan nahi du euskarazko antzerki gehiago ekoiztu daitekeela, egon badagoela lehengaia horretarako? Kasu honetan, guri gaztelaniaz sortzeko proposamena egin ziguten, baina hasierako sorkuntza lan horretan jada euskaraz hitz egiten genuen asko. Nik lantaldeko gehienekin euskaraz izaten dut eguneroko harremana. Horregatik, lanean ari ginela, euskarazko bertsioa egiteko gogoa piztu zitzaigun. Diegorentzat euskarazko lehen lana da, eta primeran ari da. Euskaraz sortzeko lehengaia egon badago, asko, baita maila eta gogoa ere. Baina publikoa? Beharbada hori da behar duguna. Azken boladan interes handiagoa somatzen ari naiz euskarazko antzerkiarekiko, ez dakit gogoa, irudipena edo errealitatea den. Dena dela, ekoizpena eta sorkuntza bereizi behar direla uste dut. Sortzaileok ez dugu ekoizten eta oso ekoizle gutxik sortzen du... Kultur eredu duin batean, naturaltasun osoz hitz egingo genuke ekoizpenaz, baina uste dut euskaldunok gehiago sortzen dugula ekoiztu baino. Izango dugu hor ere zer ikasia... Nolakoa izan da Fredi Paiaren lana? Itzela! Fredik gaztelaniazkoa ikusi zuenetik agertu zuen testua euskaratzeko gogoa. Sekulako lana egin du. Ez da batere testu erraza, esan bezala oso barrokoa baita, tratamendu nahaste piloa eta, zintzoak izanik eta tamalez, euskaraz ez gaude halako testuetara horren ohituta. Guk, jakina, ez ditugu ikusleak izutu nahi, kontrakoa. Aktoreek ezinbestekoa dute entzulearengana iristea. Oreka hori aurkitu eta mantentzea zen testuaren erronka nagusietako bat. Lanean izugarri gozatu zuela ere esan digu, eta eskerrak! Erronka oso polita zen, ezohikoa gurean. Testua irakurri nuen lehenengo momentutik, idatzi genueneko muina mantentzen zuela ikusi nuen eta barre ere egin genuen erruz. Fredi oso ona da plazan bertsotan, badakigu, baina hizkuntza jasoan idatzitako testu klasiko batean, behar duen handitasun kutsua mantentzeaz gain, ateraldi ederrak lortzeko gaitasuna ere baduela erakutsi du. Denok gara apur bat Fausto? Denok nahi dugu herritar eredugarria izan? Bizitza eroso horren parte izan? Antzezlanean esaten dugu libre antzean bizi garela kartzela den eta sistema esaten diogun honetan. Denok ematen dugu egunero baldintza hauetan bizirauteko gure baimena, nola edo hala. Laino artean bezala galduta gabiltza sistema kapitalista-arrazista-heterosexista-patriarkalean, balore faltsuek zipriztinduta, pertsonon zentzumenek ere lekurik ez duten eredu ekonomizista hutsean. Hori dena jakin badakigu eta bertan jarraitzen dugu, ezer jazoko ez balitz legez. Hortik dator antzezlanaren estetika sadomaso guztia, erotikarekin eta lizunkeriarekin konkistatzen gaituzte, eta guk onartu egiten dugu jipoia, gozatu egiten dugu horrekin. Okerrena da batzuetan protesta egiten dugula, baina azkenean beti kaka berera itzultzeko. Faustok hainbat bertsio izan ditu historian, hainbat idazlek heldu dio bere modura. Zein da gure Faustoren jatorria? Gure abiapuntua XVI. mende bukaerako testua da, Christopher Marlowek idatzitakoa. Goetherena da ezagunena, eta mitoa bera bada ere, arima deabruari saltzen dion gizonarena, guk Marlowerena gogoko genuen, edukiz eta egituraz gaurkotasun handia ere bazuela iruditu zitzaigun... Egitura aldetik errespetatu badugu ere, eszenek jolaserako aukera handiagoa ematen dute, satira eta komedia gehiago daude. Klasikoari buelta eman diogu eta, paradoxikoa badirudi ere, neurri batean, bere horretan utzi nahi izan dugu. Nola deskribatuko zenituzke  gaur egun kaleetan dabiltzan Faustoak? Zu eta ni gara, denok gara Fausto. Gure protagonistak, Jon Faustok, politikan egingo du bidea, oso nabarmena delako egunero bizi dugun tranpa erraldoi honetan politikariek duten ardura. Baina Fausto ez dira politikariak, patroiak edo diru gehien biltzen dutenak, hori sustengatzea posible egiten dugun herritar eredugarriak baizik: hipotekatzen dena, ezkontzen dena, haurrak dituena, auto berria erosten duena... Denak preso. Gurpil zoro batean, ezin atera gaude, behin eta berriz errepikatzen dugu, egunero saltzen diogu gure arima deabrua den Demokraziari, horregatik gara denok Fausto.
news
argia-5a42173f9c7e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/cesar-bona.html
"Emateko aukera eskaintzen badiozu norbaiti, bera ere hartzeko prest egongo da"
Mikel Garcia Idiakez
2015-02-01
"Emateko aukera eskaintzen badiozu norbaiti, bera ere hartzeko prest egongo da" 127 herrialdetako 5.000 hautagai baino gehiagoren artean, Global Teacher Prize sari prestigiotsurako 50 finalistetako bat da César Bona. Ez du hezkuntzari buruzko diskurtso ponposorik, ezta behar ere: eguneroko lanaren adierazgarri, 11 urteko ikasleek eurek egindako Kopa oparitu berri diote (beheragoko argazkian umez inguratuta ageri den Kopa), haientzat irakasle onena delako César. Zer nolako hezkuntza jaso zenuen haurtzaroan? Egun zaren irakaslea izateko balio izan al zizun? Txikitan oso lotsatia nintzen eta irakasleak galderaren bat egiten zuenean, eskua altxatu ordez ondokoari esaten nion erantzuna. Ez dut nahi eskolan ditudan haurrei halakoak gertatzerik: lotsa eta beldurra ez daitezela oztopo izan emozioak, sentimenduak, pentsamenduak edo argudioak adierazteko; horma hori gainditzeko gai izan daitezela da nire helburua. Etxean berriz, aita arotza nuen eta lagundu egiten nion, baina aspertu egiten nintzen, berak eskatzen zizkidan lantresnak eskura ematea nuelako zeregin bakarra. Nire haurrek inplikazio falta hori sentitzerik ere ez dut nahi, engaiatu daitezela nahi dut, ikastearekin edo gauzak aldatzearekin, aurrera eramaten dituzten proiektuetan inplikatu daitezela. Ikasgela bakoitza, haur bakoitza mundu bat da. Nola lortzen da haurrak duen onena ateratzea? Oso garrantzitsua da testuingurua ezagutzea, herri, hiri, auzo, ikastetxe, ikasgela… horretako haurrek zer egiten duten, nola hobetu dezaketen inguruan dutena. Ikasgela horretako interesak eta kezkak hartu behar dira kontuan. Eta norbanakoari begira, denoi gustatzen zaigu inportantea edo baloratua sentitzea, hori lortzea da lehenengo urratsa. Talde berri batera iristen naizenean haurrei beti esaten diet: "Irakaslea naiz, baina nik ez dakit dena, zuek ere irakatsi diezadakezue". Dituzten jakintzen eta afizioen berri ematen dute, guztiokin elkarbanatzen dituzte, eta ematen duzunean, zu ere prest zaude besteen irakaspenak jasotzeko. Zentzu horretan, eskoletako programazioak irekia izan beharko luke: "Gaur 9etan sartu eta hau eta hau emango dut" pentsatu beharrean, "zuek zer irakatsi diezadakezue? Zer duzue eskaintzeko?" galdegin beharko genuke. Baina arreta pertsonalizatua lortu al daiteke 30 ikasleko geletan? Begira, guk rolak banatzen eta txandakatzen ditugu gelan [ikusi beheko irudia], eta Matxinatuen Burua deitzen duguna da niretzat rol garrantzitsuenetakoa: beste haurren kexak eta iradokizunak bideratzeaz arduratzen da. Izenik jarri gabe ikasleetako batek oharra idatziko du jolas-orduan gertatu zaionaz, ikaskideak esan dion zerbaiti buruz edo ikasgaia nola ematen dudan gustuko ez duela azalduz. Matxinatuen Buruak ohar anonimo hauek emango dizkit ondoren, eta oharretan adierazi didatena hobetzen saiatuko naiz. Euren heziketan parte hartzen dute haurrek, hala sentitzen dute, eta gustura datoz eskolara. 30 ikasleko gela dela? Seikoak eta hogeitakakoak egokitu zaizkit, eta denek partekatzen dute zerbait: emozioa. Askoz gehiago landu beharko genuke emozioa hezkuntzan. Matxinatuen Burua, diozu. Beste zein rol banatzen dituzue gelan? Zein helbururekin? Haurrek gutxi gorabehera hilero txandakatzen dituzte rolak: hala nola, Birziklatzearen Buruak ditugu (ingurumena errespetatzera animatzen dituzte gainerakoak eta birziklatzea ondo egin dadila dute helburu); Altruisten Zerrenda Zuriaren Arduraduna dugu (ikasgairen batean ondo dabilenak izena eman dezake, eta kontrara, ikasgairen batean zailtasuna duenak, berak hala erabakita, zerrendako arduradunarekin hitz egin dezake altruista bat bilatu eta ikasgai horretan elkarren ondoan esertzeko, laguntzeko… eta elkar estimulatzeko); Gehiegi Hitz Egin Dutenen Zerrenda Beltzaren Arduraduna ere badaukagu, hitz egiten ari diren beste ikaskideak ez eteten eta errespetatzen ikasteko (ni neu ere kontrolatzen nau); asko hitz egiteagatik puntuak galdu dituenak berreskuratu ditzake, Abokatuarekin hitz eginez eta lantxoren bat eginez; Kazetari Batzordean berri bitxiak ekartzera animatzen dute jendea, gero hemen komentatzeko; Liburuzainak daude, irakurketa defendatzen… Garrantzitsua da denok funtzio bat izatea gizartean, kasu honetan ikasgela den mikro-gizartean, eta funtzio bakoitzaren arduraduna errespetatzea. Elkarrekin, bere martxa duen engranajea osatu dugu. Rolak aldatzen joateak enpatia lantzeko aukera ere ematen du. Nolakoa da egun bat zure gelan? Aipu-hartzaileak (rol hori ere badaukagu) aipu bat aurkezten digu lehen orduan eta horri buruz aritzen gara. Gero, egunaren eta ikasgaiaren arabera, oso ezberdina da jarduna. Jakin-mina lantzen dugu, informazioa biltzen eta baloratzen ikasteko ariketak egiten ditugu, edota publiko aurrean lotsa galdu eta hitz egitea praktikatzeko mahai gainera igo eta euren kontinenteaz mintzatu behar dute [kontinenteka daude banatuta gelan, ikusi goiko irudia]. Gaur oso gauza polita gertatu da: Mohammed oso lotsatia da, baina berak hitz egin nahi zuela esan digu, mahai gainera igo da eta denoi zuzendu zaigu; bukaeran txalotu egin dute ikaskideek, badakitelako ez dela erraza, batez ere lotsatia bazara, eta beretzat inportantea izan da kontatu diguna besteek interesez jarraitzea eta aintzat hartzea. Asteazkenetan esaterako, Istorio Surrealistak ditugu: Belaunak-Alderantziz-Tolesteko-Gaitasun-Bitxia-Zuen-Eta-Hanketako-Behatz-Artean-Kaktusak-Ezkutatzen-Zituen-Ibilera-Zaharkituko-Txita-Jaun-Astakirtenaren-Istorio-Aparta moduko titular xelebre batetik abiatu, hiztegitik ausaz zortzi-bederatzi hitz hautatu eta istorioa sortzen eta eraikitzen joaten gara denon artean. Ondo pasatzea eta ahalegintzea ez daude lehian. Hau guztia begi onez ikusten dute gurasoek? Ibilbide bat eta aitorpen bat lortu izanak lagundu egiten du gurasoekiko harremanean, baina egia da kosta egin zaidala. Leku askotan aztoratu egiten ziren: "Baina ez dute testu-liburua erabili!" edo "eta gramatika? Ortografia?". "Lasai", erantzuten nien nik, "beste modu batera agian ikasiko ez lituzketen gauzak ikasten ari dira zuen seme-alabak". Eta ikasturte bukaerarako, jarrera aldatu ohi dute gurasoek. Ikastetxe batean, ikasturte amaieran, eskutitzak idatzi zizkidaten gurasoek: "Nire alaba askoz autonomoagoa da", "nire semeak emozioak adierazteko zuen lotsa galdu du", eta halakoak. Baloreak ikasten ditugu eskolan. Irakurri dizudanez, enpatia, ikasleen parte-hartzea, irudimena, sormena, jakin-mina, sentsibilitatea eta errespetua dituzu oinarri. Horiek dira heziketaren gakoak? Nire ustez bai. Horiei gehituko nieke jarrera, baita irakasle bezala ere: irakasle batek asko jakin dezake, baina jarrerarik ez badauka… Nola animatuko duzu haurren jakin-mina, zuk jakin-nahirik ez baduzu? Nola estimulatuko duzu sormena, ez baduzu ikertzeko edo sortzeko gogorik? Eta diozun moduan, enpatia eta sentsibilitatea ere azpimarratu ohi ditut, eskola guztietan kontuan hartu beharreko ezinbestekoak iruditzen zaizkit, modu horretan hurkoa, animaliak, ingurumena… errespetatuko dituzten helduak izango direlako. Haurrak, gainera, ez dira soilik etorkizuneko helduak, orainaren biztanleak ere badira, eta horregatik parte hartu behar dute gizartean. Global Teacher Prize sarirako hainbat proiektu eta esperientzia hartu dituzte kontuan. Tartean, maila sozio-ekonomiko baxuko "ikasgela gatazkatsu" batean egindako lana. Bai, ikastetxe hauek "jarduera zaileko" eufemismoaz izendatu ohi dituzte, baina erronka gisa definituko nituzke nik. Testuingurua begiratu behar duzu, umeek sarri ez baitute egoera erraza bizi, eta aski da euren lekuan jartzea. Javi adibidez lagun handia dut oraindik eta han ezagutu nuen, duela sei urte; ijitoa da, kajoia jotzen du eta niri ere kajoia jotzen irakatsiko al zidan galdetu nion; eskola ordua baino ordubete lehenago geratzen ginen horretarako. Konexio hori duzunean, norbaiti emateko aukera eskaintzen diozunean, bera ere hartzeko prest egongo da, jarrera kontua da. Irakurtzen ikasteko antzezlan berezi bat ere egin genuen, eta antzezlan horrek ikasleengan sortu zuen konplizitateak eta piztu zuen grinak eskolara gustura etortzea eragin zuen. Ondoren, herri txiki bateko eskolan, La importancia de llamarse Applewhite filma errodatu zenuten, sari ugari jaso dituena. Buretan izan zen hori, 200 biztanle inguruko herrian, eta 4 eta 12 urte arteko sei haur nituen. Pelikula mutua egin genuen, ikasleek  istorioaren garaiko gertaerak eta pertsonaiak ikertu zituzten, eta antzezpenaren aitzakian emozioak nola adierazi landu genuen, hitzez eta keinu bidez. Sei ume baino ez ziren eta horietako bik harreman txarra zuten, familien arteko desadostasunak medio. Bada, elkar maite zuten bi protagonisten rolean jarri nituen, eta ondo atera zen: informazioa bilatzea, jantziak prestatzea eta halakoak familiek elkarrekin egin behar zuten, eta orain oso ondo eramaten dira bi familiak. Buretan bi urtez izan nintzen eta beste proiektu bat ere egin genuen: Sé dokumentala . Herriaren altxorretako bat adineko jendea izanik (gazte askok herritik alde egiten du gaur egun), umeek aitona-amonak elkarrizketatu zituzten dokumentalerako, haien bizipenak eta nahiak jaso zituzten. Pelikula estreinatu genuen egunean, 200 biztanleko herrian 400 ikuslek bete zuten aretoa! Omenaldi ederra izan zen aitona-amona haientzat. Eta 2010ean, El Cuarto Hocico animaliak babesteko elkarte birtuala sortu zuten zure ikasleek… Muel herrian nintzen irakasle eta zirkoa iritsi zen herrira. Umeak pozik zeuden eta ohiko moduan, ikertzeko esan nien, zirkoez informazioa bilatzeko, gurasoei galdetzeko… Hurrengo egunean, zirkoari buruzko eztabaidan ondorioztatu zuten animaliek ez zutela hain bizitza alaia zirkoan, eta horrela jaio zen El Cuarto Hocico elkartea. Deskubritu zutena gainerako ikasgeletan kontatu zuten, lehen mailako haurretatik hasi eta seigarren mailaraino. Ondoren, haurrek sinaturiko eskutitza aurkeztu zioten alkateari, eta ordutik animaliarik gabeko zirkoak bakarrik onartzen dituen herria da Muel. Elkarte birtualari eta haurrek bertan idatzitako iritzi, bitxikeri eta iruzkinei esker, eztabaida beste lekuetara zabaldu zen eta nazioarteko ikastetxeetako umeak elkartu ziren ekimenera. Beste behin, parte hartzen dutela eta kontuan hartuak izan direla sentitu dute haurrek, inplikatu egin dira, eta gizartea aldatzeko eta animalien eskubideen alde egiteko eredu izan dira. Zein da proiektu horien guztien arrakastarako sekretua? Parte hartzeko aukera ematean datza, helduok maiz atrofiatuta daukagun irudimena bizi-bizi dutelako haurrek, eta aintzat hartzeko moduko ideia zoragarriak dituzte. Haurraren interes eta nahiei erreparatzea garrantzitsua da, umeak inplikatzea –modu horretan lortuko dutelako beste pertsona batzuk ere "kutsatzea"–, eta azkenik, inportante eta harro sentitzea. Eta zu zein lorpenez zaude harroen? Ume bakoitza mundu bat da eta keinu txiki eta handi guztiek dute balioa. Mohammedek gaur egin duena lorpen handia da beretzat, izugarri pozik joan da etxera. Ivánek arazoa zuen r hizkia ahoskatzeko, ba Haurren Eskubideen Aldeko Munduko Kongresu-aurrera lagundu ninduen, zazpi bat minutuz hitz egin zuen 400 pertsonaren aurrean eta bukaeran 400ak altxatu eta txalo jo zioten. Mónicak negar egiten zuen emozioez hitz egiten genuen bakoitzean, hori bideratzeko tresnak eman zitzaizkion, eta gai izan zen 300 lagunen aurrean hitz egiteko, Aragoiko Ingurumenaren Sarian. Bi haur adiskidetzea lorpena da, herri oso bat bere zaharrak txalotzen ikustea, kajoia jotzen duen Javirekin gaur egun laguntasuna mantentzea… Aurkeztu diguzun hezkuntza ereduak balio du urte gehiago dituzten haur eta gazteekin ari diren irakasleentzat? Lehen Hezkuntzako haurrekin hasi aurretik, adin guztietako gazteekin aritu nintzen, baita Batxilerrean ere, eta egia da institutuetan sistema itxiagoa dela, badirudiela sakrilegioa dela txikiagoekin egiten ditugun asanbladak eta talde ariketak egitea, baina bat-batean unibertsitatera iritsi eta publiko aurrean hitz eginarazten dizute, eta shock modukoa da ikasleentzat. Bigarren Hezkuntzan ere aldatu eta hobetu beharreko asko dagoela, alegia. Gainera, alferrikakoa da Lehen Hezkuntzan aldaketa metodologikoetan sakontzea, gero Bigarren Hezkuntzako hormarekin talka egingo badugu. Baina balore eta konpetentziak lantzeko nahia batetik, azterketen eta gaitegien eredu zurruna bestetik, oreka erraz bilatzen du irakasleak ala frustrazioa gertu du bide berritzaileak urratu nahi dituenak? Egia da, frustrazio handia dago, sistemak ez dizulako uzten egin nahiko zenituzkeen gauza asko egiten, gurasoak ere sarri ez dira fio, eta nik batzuetan pausoa ematea erabaki dut sinetsita nengoelako beharrezkoa zela ikasleentzat, baina ez da beti samurra izan, iritsi eta haurrak mahai gainean hizketan jartzea bezain sinplea ez da, arriskatu behar izan dut. Eskema zaharretatik ateratzen saiatu eta amore ematen bukatu daiteke, irakasleek maiz ez dugulako laguntzarik, ez dugu motibaziorik, errazagoa da testu-liburua jarraituz ikasgaia eman eta kobratzea, eta horregatik seguru egon behar duzu, zure horretan mantendu. Pribilegiatua naiz sari honetarako hautagai naizelako, eta sariak balio behar luke konturatzeko hezkuntza ulertzeko era hau aintzat hartzeko modukoa dela.
news
argia-7d5934400bde
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/komikia-mintzagai.html
Literaturak adina merezi duelako
Garbine Ubeda Goikoetxea
2015-02-01
Literaturak adina merezi duelako Nonahi aurkituko dituzu irakurle klubak, zeinahi hiritan –bai, Hego Euskal Herrian errazago–. Talde itxitan eta ez hain itxitan, edo plaza izan nahiko luketen inguru zabalagotan antolatzen dira, aurrez hautatutako liburuari norberak lekarkeen optikatik erreparatzeko, eta finean, liburuan mahai gaineratu duen gaiaren aitzakian solastatzeko. Honez gero ehunka dira denera. Hitzen Uberan webguneko agendari begiratua ematea aski, tributxo hauei esker han-hemenka zer-nolako mugimendua dagoen ikusteko. Halakorik, ordea, kostako zaizu aurkitzea. Lerrootan nabarmendu nahiko genukeen irakurle taldeak lehengaia du bestelakoa, komikia edo nobela grafikoa, eta horren ondorioz, gainerako guztia: parte-hartzaileak, solasgai nagusia (Sarriugarteren Erraiak eleberria edo Asterix eta Obelixen abentura bat ardatz hartzea, demagun, ez baita gauza bera), nabarmendu beharreko elementuak, hizketarako eta azterketarako irizpideak, motibazioa (euskara ikasten ari denari eta euskaraz mintzatzeko aukera behar duenari arreta berezia jarri baitzaie)... Iruñean betiere, hileko azken ostegunetarako programatu den hitzordua duzue hauxe. Zaldieroren De Rerum Natura 5 bildumak emango dio hasiera programazioari, otsailaren 26an. Martxoan, Paco Rocak sortu eta Bego Montoriok Astiberri argitaletxearen enkarguz itzuli duen lana izango dute mintzagai: Zimurrak . Apirilean René Goscinny eta Albert Uderzo maisuei helduko zaie txanda. Hilaren 30ean, hain zuzen, Asterix Legionarioa izango baitute hizpide. Maiatzaren 28an, euskaraz izan dugun komiki-bildumarik txundigarrienetako bat hartuko dute esku hartzean: Jose Carlos Fernandes portugesaren Munduko bandarik txarrena (1998-2003) , Txapalarta argitaletxeak 2013an plazaratua. Programatuta dagoen azken saioa, nola ez, Harkaitz Canok, Jorge Alderetek eta Fermin Muguruzak ondutako Black is Beltza ri eskainiko zaio. Iluntzeko zortzietan izango dira beti. Katakrak-en, haustearen onomatopeia berritasunaren parera goratu duen liburu-dendan.
news
argia-16c49ee209a0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/onddoekin-ondo.html
Onddoekin ondo
Jakoba Errekondo
2015-02-01
Onddoekin ondo Basoa sekulako janari ekoizlea eta berebiziko biltegia da. Bertan "hartu eta jan" da lelo zabalduena. Sarrienik, hartzea da arazoa. Basotar ugarik hartu ez, harrapatu egin behar baitu, eta maiz, harrapatu eta hil, baldin eta jan nahi badu. Landareak inor hil beharrik gabe elikatzen dira. Lurretik sustrairatu eta airetik hostoratzen dituzte beharrezko gaiak. Zeregin horretan, era guztietako adiskideak dituzte. Onddoak dira ezagunenak. Onddoek gure begietan arras ezberdinak diren bi zati dituzte: lurpekoa eta lur gainekoa. Lur gainekoa "fruitua" da, guk bildu ohi dugun perretxikoa. Lurpeko eta lurrazaleko hifa edo harizpiek basoko bizitzako urrats garrantzitsua osatzen dute: hildako hondar organikoak ostera bizitzaren ziklora bideratzen dituzte. Onddoek jariatzen dituzten entzimek abiatzen dute, berriro, sekula bukatuko ez den katea. Hondarrak desegin eta landareentzako elikagai bihurtuko dira. Elkarlanaren adibide da basoa. Elkarlana kaosean. Basoa iraupenaren eta biziaren oihana da. Batzuek aurrera egitea lortuko dute, eta beste batzuk hondar bilakatuko dira. Hondar hori ere beharrezkoa da. Onddorik ez legoke hondarrik gabe, eta, onddorik gabe, landarerik ez. Onddoaren eta landarearen arteko loturari "mikorriza" deitzen zaio. Mycos (onddoa) eta rhizos (sustraia) hitz grekoek argitzen dute esanahia: sustraietako onddoa. Nahitaezko elkarlana osatzen dute: onddoek jakiak eta ura, eta landareek karbohidratoak eta bitaminak, eskuratu eta eskaintzen dizkiote elkarri. Ezagutzen diren landareen %95ek mikorrizaren bat osatzen dutela diote. Elkarlan guztietan bezala, bakoitzak bere gustuak eta aburuak ditu. Onddoak landarea aukeratuko du, eta landareak, onddoa. Horregatik, belaze garbian ez dugu esnegorririk topatuko, ezta pagadian udaberriko zizarik ere. Bizi, esnegorria pinuarekin biziko da; ziza, berriz, belarrarekin. Hori da landatutakoan landare asko hiltzearen arrazoietako bat. Muintegian lur "antzuan" hazten da landarea, eta, onddorik gabe, ikaragarrizko ongarriketak eta zaintzak behar izaten ditu. Lurrera aldatzen dugunean, sustrai soilak ditu, onddorik gabe... Eta aparteko zaintzarik gabe... Gero eta gehiago erabiltzen dira onddoak landare ekoizpenaren lagungarri gisa. Merkeago eta landare hobea.
news
argia-36b9709e42cf
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/maskaradaren-izenean-amen.html
Maskaradaren izenean, amen!
Joanes Etxebarria
2015-02-01
Maskaradaren izenean, amen! Kritikatzea maite dut, betitik, eta batzuetan ikusgarri bat ikusi gabe ere kritikatzen dut; halako herrian egiten delako, halako gaia aipatuko delako, edo halako umore txarrez iratzarri naizelako. Funtsean, halakoa naizelako. Oraingoan ere ikusi gabekoa kritikatuko dut, baina ez gaiztakeria hutsez. Gai honetan barnatu nahi duenari Antton Lukuren Libertitzeaz liburua aholkatzen diot, nik azaletik aipatuko baitut. Aurtengo maskaradak abiatu berri dira Idauze-Menditik, eta ene bizi laburrean sekula ikusi ala entzun ez nuen gisan, meza batekin hasi dira. Alta, uste nuen erritu paganoa zela, eta mundua alderantziz ezartzeko ospatzen zirela inauteriak. Uste nuen botere harremanak, egun batzuetan baizik ez bada ere, pikutara igortzeko erabiltzen zirela gorriak eta beltzak, hots maskaradetako pertsonaiak. Lagunak Lukuren liburua itzultzen didanean (nahi dükalarik Lolüz!) hori guztia konfirmatuko dut. Ez dut anartean maskarada ikusi, baina espero dut gero plazan, arratsaldeko jokoan, eliza pikutara igorri zutela... baina baditut dudak.
news
argia-562095d778b0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/wall-street-esklabotzari-lotuta.html
Wall Street esklabotzari lotuta
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-02-01
Wall Street esklabotzari lotuta Hudson ibaiaren ahoa, 1625. Mendebaldeko Indietako Nederlandar Konpainiak Amsterdam Berria sortu zuen, ibaian zehar abiarazitako larru salerosketa kontrolatzeko aukera ematen zien kokalekua. 1653an, bertakoen nahiz ingelesen erasoez babesteko, kolono herbeheretarrek zurezko eta buztinezko hesia eraiki zuten Amsterdam Berriko iparraldeko mugan. Edo zuzen esanda, hesia eraikitzeko agindu zuten, harresia benetan jaso zutenak 1627tik aurrera koloniara eramandako esklabo afrikarrak izan baitziren. Handik urte batzuetara ingelesek hesia bota arren, Wall Street (harresiaren kalea) izenak oraindik esklaboek eraikitako babes hura dakar gogora. Eta hesia eraiki bakarrik ez, basoak soildu zituzten eta bideak, errotak, etxeak, kaia, espetxea eta holandarren eliza ere jaso zituzten, geroago ingelesen eliza eraikiko zuten bezalaxe. XVII. mendearen amaieran eta XVIII.aren hasieran, hiriak dagoeneko New York zuen izena, ingelesen eskuetan zegoen, eta esklaboen lana oinarri, hazkunde bizia izan zuen. Doako langile haiei are eta probetxu handiagoa ateratzeko aukera zegoela ikusirik, esklaboen salerosketan hastea erabaki zuten hiriko merkatariek. 1711n New Yorkeko udalak hiriko lehen esklabo azokaren sorrera onartu zuen eta, hain zuzen, merkatua Wall Streeten jartzea erabaki zuten. Meal Market (janari azoka) esaten zioten garaua eta haragia ere saltzen zutelako, baina negozio nagusia gizakien salmenta zen, eta berehala Wall Street erabakigarria izango zen esklaboen Atlantikoan zeharreko merkataritzan. Giza salgai gehienek hirian denbora gutxi egin arren, XVIII. mendearen lehen erdian New Yorkeko biztanleen %20 esklaboak ziren. Esklabo ontziak Afrikatik New Yorkera iristen ziren eskulanez gainezka, nagusiki kotoi sailetan jarduteko. Bide batez, kotoia bera New Yorketik banatzen hasi ziren. Jakina, itsasontzien aseguru-etxeek, merkatari handiek eta bidaiak nahiz lurjabeen jarduerak finantzatzen zituzten bankuek ere "inbertsioetatik" hurbil egon nahi zuten eta, hala, geroz eta negozio gehiago bildu ziren giza azokaren inguruan. 1792ko maiatzaren 17an, Wall Streeteko 68. zenbaki pareko platano baten gerizan, 24 artekarik eta merkatarik hitzarmena sinatu eta New Yorkeko Burtsa izango zenaren hazia erein zuten. Horrenbestez, gaur egun Wall Streeten kotizatzen duten enpresa ezagun askok esklaboen salerosketan inbertituz ekin zioten bideari, gaur egun esklabotza metodo sotilagoak erabiltzen dituzten arren: Bank of America, Aetna Insurance, J.P. Morgan, Lehman Brothers, Wachovia Bank, Royal Bank of Scotland...
news
argia-35b9da2fc4b1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/ikastolen-identitateaz.html
Ikastolen identitateaz
Andoni Mujika
2015-02-01
Ikastolen identitateaz Lerro hauen izpiritua transmititzeko bi kontzeptu: Autoeraketa Hezkuntzan eta Euskal Eskola Kooperatiboa. Kokapen arin bat eginaz, 1960ko hamarkada herrigintzan oso aro aberatsa izan zen. Horren adierazle dira garai hartan euskalgintzan sortutako ekimenak. Beste iniziatiba batzuk ere ordukoak dira: kooperatibak nagusiki. Ekintzailetasun zibiletik abiatutako mugimendu autoeratuak guztiak.   Iniziatiba haien iturburuan zenbait motibazio zegoen. Baina konpartitzen al zuten bereizgarri komunik? Baieztatu daiteke denetan autoeratzeko jokabide bat zela diferentzialik garbiena. Beraz, ikastolen identitatera etorrita, berau ezaugarritzeko elementurik esanguratsuena ere autoeraketa izan zen. Ezaugarri hori ikastolen sorreran zegoen –modu intuitiboan eta halabeharrez–; egiteko moduetan dago, kulturan; eta helmuga da: iparrean bere burua antolatzen duen pertsona bat eta gizarte bat daude.   Edozein gizarte mugimenduk behar duen beste lehengai bat ere bazeukaten: amets kolektiboekin konektatzea. Zeintzuk ziren, ilusio haiek? Euskalduntasunaren transmisioa, euskara eremu estrategiko batera eramatea, Euskal Herriaren kontzientzia, zapalkuntzari proiektu bidez erantzutea, autonomoak izatea, hezkuntzaren berrikuntza eta eliza eta estatuaren eskola ereduaren aurrean alternatiba bat proposatzea. Horrez gain, autoeraketa egiteko konfiantza behar da. Norberarengan eta inguruan. Ikastolan konfiantza hori hiru mailatan eman behar da: maila instituzionalean (kooperatiba eratuz), kudeaketan (autonomiaz lan eginez eta erabakiak hartuz) eta pedagogian (pertsonarengan konfiantza sustatuko duen pedagogia batekin). Eta hara! Egungo psikologia eta pedagogiaren zientziek autoeraketa kooperatiboaren ideia oso intuizio ona izan zela baieztatu digute. Pertsonek eta proiektuek euren burua antolatzeak gaurkotasun handia dauka. Eta zergatik? Erabakimena protagonisten eskuetan egotea interesgarria delako; jabetzak erantzukizuna dakarrelako, eta honek, kalitatea bilatzeko beharrezko tentsioa; autonomia irabazten delako; lankidetza praktikatu egiten delako; pertsona helduagoak garatzen direlako; kudeaketan eraginkortasuna irabazten delako; eta demokrazia eta gizartea eraldatzeko bokazioa hazi egiten direlako. Praktika hau oso gurea eta eraginkorra izan da, eta horren kultura bat badugu. Etorkizunean agertu daitekeen edozein eszenarioren aurrean prestatuago egongo gara horrela.
news
argia-915ecd602fb8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/adarrots-folk-taldea.html
Ezkerraldeko adarraren hotsa
Myriam Garzia
2015-02-01
Ezkerraldeko adarraren hotsa Ibaizabaleko Ibarrezkerra asko aldatu da azken urteotan. Etorbideak zabaldu dira, lorategiak eta plazak ugaldu, etxe berriak egin eta, metroa hartuz gero, 10 minututan hel zaitezke Ezkerraldeko muinera. Euskararen presentzia ere handitu da, gero eta gehiago eta agerikoagoak dira bertako euskaldunak. Horren adibide dugu Adarrots, euskal musika tradizionala oinarrian, folk musika sortu eta euskaraz abesten duen taldea. 10 urte bete ditu Adarrotsek, eta ospatzeko Adarraren Hotsa disko-liburua argitaratu dute. Dagoeneko, Ibarrezkerraren adarraren hotsa ez da Bizkaiko Labe Garaien tutua. Ibarrezkerreko 7 lagunek osatzen dute Adarrots folk taldea. Iñigo Espiña (biolina), Iñigo Carballo (alboka) eta Sendoa Gil (perkusioa) izan ditugu mintzakide, taldearen 10. urteurrenari errepasoa egiteko, eta horren harira, Adarraren Hotsa , argitaratu duten disko-liburuaz  jarduteko. Ortuellako lagunarteko bazkari bat alaitzeko elkartu ziren lehen aldiz, 2004ean, eta ordutik, taldeko kideak sarri aldatu badira ere, beren musikak iraun dezan lortu du Adarrotsek. "10 urte hauetan gauza asko gertatu zaizkigu", gogoratu du Sendoa Gilek. Tartean, maketa bat eta bi disko argitaratu dituzte, Haizekada (2009), Zazpi Ditut (2012) eta berriena, Adarraren Hotsa (2014), taldeak berak autoekoitziak denak. Euskal musika tradizionaleko tresnak erabiltzen dituzte (alboka, txirula edota kaxoia), beste zenbait musika-tresnarekin batuz (biolina, klarinetea edota gitarra). Baina "gure erara moldatzen ditugu" diosku Iñigo Carballok, taldeko albokariak. "Hasieran bertsioak egiten hasi ginen, euskal musika tradizionaleko doinuak edota euskal musikari ezagunen abestiak jotzen genituen, baina halako batean gure abestiak egiten hastea erabaki genuen", jarraitu du albokariak. "Eta pausu bat haratago eman genuen, tabernetatik eta kontzertu txikietatik eszenatoki handietara" diosku Iñigo Espiñak, bibolin-jotzaileak. 2009an, Mendebala Folk Jaialdi ezagunean talde hasiberrien saria irabazi zuten Adarrotseko lagunek, eta sariari esker, lehen CDa grabatu zuten: Haizekada . Córdobako (Espainia) Eurofolk jaialdian ere saria irabazi eta nazioartean jotzeko ateak zabaldu zitzaizkion Adarrotsi. Portugalen, Italian eta Irlandan hainbat zuzeneko eskaini zituzten. "Guretzat oso garrantzitsua izan zen, euskal musika kanpora ateratzeko aukera izan genuelako. Baina harritu gintuen Espainia mailako jaialdi batean euskaraz abesten duen taldea saritzeak". Autoekoizpenaren aldeko hautua Lehendabiziko diskoa Mendebala jaialdiak ekoitzi bazuen ere –horixe zuen saria– , hurrengo bi diskoak beraiek autoekoitzitakoak dira. " Haizekada diskoa grabatuta genuela zenbait diskoetxerekin hitz egin genuen, baina gauzak nola zeunden ikusita, hurrengo diskoak gure kabuz egitea erabaki genuen", dio Carballok. "Gure antzeko taldeak inguruotan zein egoeratan dauden ikusi besterik ez, diskoetxearen rola hain beharrezkoa ere ez dela ohartzeko. Guretzat garrantzitsua da sormenetik hasi eta prozesu osoa kontrolatzea", zehaztu du Espiñak. Euskal musika tradizionaletik abiatu dira, baina doinu zaharrak gaurkotzearen aldeko apustua egin du Adarrots taldeak. "Euskal Herriko doinu eta erritmo tradizionalak jotzen ditugu baina aldi berean geure abestiak sortzen saiatzen gara" dio Sendoa Gilek. "Guk geuk sortutako musika da. Hala ere, euskal musika tradizionaleko tresnak erabilitzen ditugunez, alboka eta abar, kutsu tradizional hori emana dator. Azken diskoko abestiak, adibidez, denak dira geuk sortutakoak. Hala ere, erritmo tradizionalak erabiltzen ditugu gehienetan (arin-arinak edota dantzak), egitura hoiek daude abestien oinarrian", dio Iñigo Carballok. Sorkuntzari dagokionez, "Iñigok albokaz sortutako melodiatik abiatzen gara, doinu horri bakoitzak bere ekarpena egiten dio, geruzak gehituz", jarraitu du biolin-jotzaileak. Ezkerraldeko euskal musika "Hasieratik erabaki genuen euskaraz sortzea. Gure eskualdean, ezkerraldean, euskaraz abestea ez da oso gauza arrunta. Zaila da eta bertako jende askorengana ez gara heltzen. Hala ere, Ezkerraldean gero eta euskaldun gehiago dago eta gero eta gehiago entzuten da euskara. Jende askoren militantziari esker", albokariak azaldu duenez. "Gure taldea egoera horren isla da. Ezkerraldean badaude euskaldun zaharrak, euskaldun berriak, euskalduntze prozesuan daudenak eta euskaraz ez dakien jendea. Gure taldean beste horrenbeste gertatzen da". Adarrotsen azken diskoa, Adarraren Hotsa ,  ez da disko hutsa, taldearen 10. urteurrena ospatzeko liburu-diskoa baizik. "Gure historia kontatu nahi genuen" dio Iñigo Carballok. Hiru formatu ditu lan honek: DVDa, taldearen ibilbidea azaltzen duen dokumentala jasotzen duena; CDa, azken urteotako 10 abestiz osatua, urte bakoitzeko bat, gehi 4 abesti berri, non agerikoa baiten taldearen garapena; eta, azkenik, 40 orrialdeko liburuxka, taldearen argazki eta zenbait hausnarketaz jantzia. Adarrotsen zuzenekoetan, hiru formatuak bistaratzen dira, kontzertuan dokumentala eta argazkiak ere ikusi baitaitezke. Adarrotsek urteotan egin dituen lagun eta kide garrantzitsuen artean, Balea estudioetako Asier Erzilla eta Unai Gonzalez ditugu –besteak beste Kepa Junkeraren ohiko soinu teknikariak–-. Haizekada lehen diskotik hasi eta geroztiko guztiak Balea estudioetan grabatu dituzte. "Hastapenetan batez ere, funtsezko izan zen Asierren laguntza. Berak erakutsi zigun nola produzitu eta grabatu behar den diskoa", Sendoa Gilen hitzetan. "Haien harrera ona eta konplizitatea erabatekoa izan da beti" dio Espiñak. Unai Gonzalezek berak laguntzen ditu zuzenekoetan teknikari gisa, "eta hori, oso garrantzitsua da, ondo ezagutzen baitu zein den taldearen soinua", biolin-jotzailearen ustez. " Adarraren Hotsa disko berriak oso ondo islatzen du taldearen izaera eta garapena. Nahia egia bihurtu dugu. Disko honen bidez, 10 urte luzeko epealdia itxi nahi izan dugu, eta bide honetan ikasitako guztia eraman nahi izan dugu praktikara" aipatu du Iñigo albokariak. Euskal Herritik barrena egingo duten bira izango da hitzon lekuko.
news
argia-591ebcdcf887
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/euskararen-ofizialtasuna-uztaritzen.html
Legezkoa ez, baina zilegi bai
Mikel Asurmendi
2015-02-01
Legezkoa ez, baina zilegi bai Uztaritzeko Herriko Etxea auzipetua izan da. Prefetaren akusazioa: "Euskara frantsesaren gainetik ezarri nahi izatea". Ordea, herriko hizkuntza arduradun If Matxikotek honela erran digu: "Ez. Euskara epaitu dute frantsesaren maila berean jartzeagatik". Paueko Administrazio Auzitegiak epaia eman aitzin solastatu gara berarekin. Ebazpena jakina zen. If Matxikotek epaia ezaguna dela dio: "Gure erabakia deuseztatuko dute. Hori bagenekien erabakia hartu aurretik". Alta bada, zer dago herria bozen bidez gobernatzea irabazi zuen Uztaritze Bai taldearen egitasmoan? Herri honen ibilbide berria marraztu digu hizkuntzaren ardura duen hautetsiak. 29 hautetsietatik 22 alde Iazko martxoan berritu ziren Herriko Etxeko kontseiluak Iparraldean. Uztaritzen –Dominique Lesbats auzapeza zen ordura arte; Errepublikako doktrina politikoen ildokoa– Uztaritze Baik hartu zuen Herri Kontseilua. Bruno Carrere auzapez berriaren agintepean, hauxe izan zen lehen erabakia: "Euskara hizkuntza ofiziala da Uztaritzen, frantsesaren hein berean". Udalbatza osatutako 29 hautetsien gehiengoak ebatzi zuen, hots, Uztaritze Baiko 22 hautetsien baiezkoarekin. Oposizioko inork ez zuen kontrako bozik eman. Biharamunean, estatuaren ordezkari Durand prefetak auzitegietara eraman zuen erabakia. "Erabakia ez da inoren aurka hartua izan. Demokratikoki hartua izan zen, herritarren eskubideetan oinarritua, demokraziaren oinarria omen diren testuetan funtsatua. Alta, epaiak beti erran duguna berretsiko du: Frantziako demokraziak ez ditu euskal herritarron eskubideak errespetatzen", dio hautetsi abertzaleak. Areago esan ere: "Erabakiarekin herritar guztientzako eskubide bera bermatu nahi izan dugu, euskaraz nahiz frantsesez". 6.000 biztanle. 75 udal langile Frantziako Iraultzara arte Uztaritze Lapurdiko hiriburua izan zen. Uztaritze Bai udal taldearen oinarrian 1989an eratu zen Herria Bizi Dadin (HBD) dago. Talde abertzalea, legealdiz legealdi,  hautetsi bat izatetik bost izatera iritsi zen. Boz nahikotxo bildu arren, Frantziako hauteskunde sistema proportzionala izaki, bere indarra ez da ongi islatu izan Herriko Etxean. Honen aurreko legealdian bost hautetsi lortu zituen. Ezkerreko hautagaitzarekin aliatu ziren arren, %2rengatik ez zuten lortu Lesbats auzapeza kargutik kentzea. Uztaritze Bai hautagaitza osatu zuten iaz, Herria Bizi Dadin taldeak bereziki bultzaturik. Hainbatek Euskararen Ofizialtasuna Udaletxean aldarrikatzea erabaki ausart gisa jo du. If Matxikotek bestela dio: "Guretzat ez. HBD taldekoentzat ez, guretzat gure politikaren segida da. Zerrenda osatu genuenean bost puntu jarri ziren, horietako bat euskara hizkuntza ofiziala izatea. Jende berria heldu da gure zerrendara. Batzuk abertzaleak, beste batzuk ez hainbeste". Alabaina, bozetarako programa ontzat eman zuten denek. Matxikotek dioenez, hizkuntza politika gauzatzerakoan, euskarari estatus hori eskainiko zitzaiola argi eta garbi idatzi zuen Uztaritze Baik: "Euskara frantsesaren hein berean dela edo hala nahi dugula". Hartutako erabakia ez zen funts gabea, aurretik adostuta zegoen. Galdera inposatzen da: Ofizialtasuna bai, baina Herriko Etxea elebiduna al da? Arrapostua: "Ez, ez oraindik. Herriko Kontseiluan euskaldunak herena baino gutxiago gara. Batzarrak frantsesez egiten ditugu, batzuek euskaraz tarteka, baina ez guk nahi bezainbeste". Uztaritze Bai hasia da neurriak ezartzen Herriko Etxea elebidun bihurtzeko. Hasteko, harrera euskaraz bermatzeko. Hastapenetik langileekin egin zuten plangintza, 75 dira Udaletxean: "Nork zekien euskaraz. Nork ez. Zein mailan? Zein zen arrangura? Inplikazioa ez baita denontzat bera, nahiz eta denok erran elebitasuna onartzen dugula".   40 udal langile inguruk erran zuten ikasi nahi dutela, eta ari dira hori gauzatzeko manera lantzen. Alta, horrek aurrekontu bat eskatzen du, antolaketa maila gutxienekoa. AEKrekin elkarlanean aritzea: "Harremanak biziki emankorrak dira. Herriko Etxeko zerbitzu buruen artean dagoen euskaldun kopurua ezagutzean harritu ginen. Zoritxarrez, erabiltzeko usaia eskas dutenez, frantsesez baino ez dute egiten". Hizkuntza politikaren arduradun nagusiak dioenez, herritarrek borondatea izanez gero eskubideak bermatzea lortu daiteke. Hasteko, herrian borrokatu behar da. Herriko Etxea da demokraziaren biltzar hurbilena, erabakiak hartzeko zilegitasuna duena. Uztaritze Baiko ordezkariek emandako urratsa  naturala izan da bere hitzetan: "Sei urteko agintaldia dugu hizkuntza politika eraginkorra plantan ezartzeko. Estatuak gure erabakia legez kanpo ezarriko du, baita jarriko dituen oztopoak ezagutuko ditugu ere. Hala ere, guk aukerak ikusten ditugu herri politika beste gisa batez egiteko". Aitzindariak Iparraldeko beste herriko etxeetan azken legealditan agintzen duten kontseilu abertzaleak badaude, baina Uztaritze Bairen tamainako erabakirik ez dute hartu orainokoan: "Bada garaia erakusteko pauso berriak emateko gauza garela. Jendea kontzientziatzeko, hasteko. Eta ez da hautetsi euskaltzaleen afera soilik, denon egitekoa da. Gure erabakia euskararen inguruan dauden nolabaiteko mamu txarrak uxatzeko baitezpadakoa izan da. Ez soilik Estatuari begira gure eskubideak aldarrikatzeko, herritarrei begira euskaraz aritzeko eta berau sustatzeko baizik". Alegia, teoria gauza bat da eta praxia beste bat. Euskararen "mamua" zabaltzeko joera dago inola ere, euskara inposatuko dutena delakoa. Halaxe diosku Matxikotek: "Bai, noski. Alabaina, guk, lehen urte honetan, Herriko Etxean egonik, euskararekiko gure jarrera hobeki azaldu ahal izan dugu. Testuak ongi lantzen ari gara. Gaia ez dela ergelkeria erakutsi dugu. Zilegi dela hizkuntza defendatzea. Badira beti 'beldurrak', badira 'ezkutuan edo  ageriko' kontrako jarrerak. Kontua da jarrera horiek ongi 'artatzea'. Jendearen 'uzkurtasuna' ongi lantzea".      Adibidez, udal-biltzarreko oposizioko batek zalantzak agertu zituen euskararen politikaren inguruan. Hizkuntza politikaren arduradunaren erantzuna hauxe: "Guk ez dugu euskara inposatu nahi. Alderantziz, euskararen aukerak eta eskubideak landu nahi ditugu frantsesaren heinean bermatua izan dadin". Errezelo txarrak direnean, jarrera hauxe: berauek ongi hartu eta egoki uxatu aitzina egiteko. Paueko Administrazio Auzitegiaren ebazpena edozein dela ere, Herriko Etxeak norabide horretan eginen du politika: "Guk, agintean gauden bitartean, ohar guztiak kontuan hartuko ditugu, herritarrekin batera landuko ditugu, baina euskararen erabilera bermatuz betiere". Herriko Etxearen agintea aldatu liteke etorkizunean, hala balitz ere, anartean, Uztaritze Baik sustatutako gobernu berriaren politika ongi azaldu eta garatu nahi dute: "Gure iritzi bera ez dutenek agintea hartzen dutenean ikusiko dute zer egin. Anartean, begi-bistan geratuko da euskararen alde egitea ez dela herritarren aurka egitea. Inportanteena guretzat da erakustea euskarak baduela izatea, baduela tokia eguneroko bizitzan". Herriko Etxearen erabakiak oihartzun zabala izan du Euskal Herri osoko hedabideetan: "Batzuek ez zuten erabakia espero nonbait, eta horregatik oihartzuna. Gure belaunaldikoentzat harrigarria baino naturala da. Uztaritze Bain denetarikoak gaude. Denok ez dugu ibilbide politiko bera. Alta, gutako zenbaitek euskaraz bizi izan nahi dugu, hori izan da gure nahia beti, xede horretan borrokatu dugu. Noski, orain, Herriko Etxeak, erakunde demokratiko herrikoi batek erabaki administratiboa hartu du. Horixe lorpena". Lorpen handia izan da, bai horixe. Erratetik egitera aldea baitago: "Bai, dena dela ere, nire euskalduntasuna nik hautatu nuen. Guk euskara ikasi dugu euskaraz bizitzeko. Ez dugu hautu hori egin itxura egiteko, hautu bat da, ez hautu polita edo ausarta". Errepublikan ez dago frantsesaz beste hizkuntza ofizialik. Euskara ez da legezkoa. Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara zilegi nahi du ordea. Herriak hala erabakita. Demokratikoki.
news
argia-0cf444af3c45
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/google-glass-aurrera-ala-akabo.html
Google Glass, aurrera ala akabo?
Joxerra Aizpurua
2015-02-01
Google Glass, aurrera ala akabo? Azken bi urteotan behin baino gehiagotan irakurri ditugu Google Glassen inguruko berriak. Azkenetako batek zioen kirurgialari frantziar batek egindako ebakuntza on-line transmititu zela;  bazirudien Google Glassek gero eta erabilpen esparru zabalagoa izango zuela. Baina urtarrilaren 15ean Googlek iragarri zuen urtarrilaren 19a izango zela azken eguna errealitate areagotuko betaurrekoak eskatzeko. Berri horri buruzko analisiak kontrajarriak izan dira. Batzuek uste dute Googlek, bi urteko saiakeren ondoren, betaurrekoak merkaturatuko dituela; beste batzuen iritziz, aldiz, konpainiak ez du garbi produktuarekin aurrera egin ala ez. Ez dakigu Googlen estrategia komunikatiboaren azkeneko helburua zein den, baina Google Glassen 1.500 dolar inbertitu dutenak kezkatuta izango direla uste dugu, batez ere enpresak kaleratutako iragarkia oso hotza izan delako.
news
argia-61ecb20c5400
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/9000-urteko-garagardo-gozoa.html
9.000 urteko garagardo gozoa
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-02-01
9.000 urteko garagardo gozoa Platonek esan zuen: "Garagardoa asmatu zuena gizon jakintsua zen". Ez Platonek ez guk, ez dakigu nor izan zen gizon –edo emakume– hura, baina Neolitoaren hasieran, duela 12.000 urte inguru asmatu omen zuten. Patrick McGovern arkeologoak Jiahuko (Txina) aztarnategi neolitikoan 9.000 urteko garagardo arrastoak aurkitu zituen, zeramika zati batzuetan itsatsita. Horiek aztertu eta edabearen osagaiak bereizi zituen: garagarraz gain, arroza, mahatsak, eztia eta elorri txinatarraren fruituak zituen garagardo zahar horrek. Sam Calagionek garagardogile estatubatuarrak osagai horiekin errezeta berreskuratzen saiatu zen, eta emaitza Chateau Jiahu izenez merkaturatu zuen (argazkian). 9.000 urteko garagardoa interneten dago salgai.
news
argia-5dff64e7138b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2447/tartikua.html
Tartikua
Jakoba Errekondo
2015-02-01
Tartikua Purga eta osasunerako ona. Bakailaoaren gibeleko olioaren tankerako lana egiten duen akain- edo bakasta-belarrarekin egiten den errizino olioaren tankerakoa egiten da tartikuarekin, Euphorbia lathyris . Izerdia zuri-zuria eta lodia du. Erre egiten du, kontuz hurbildu ezpainetara edo begietara... Hortik etorriko zaio ezaguna egiten duen berebiziko sona: satorrak eta satainak uxatzen ditu. Tartikua dagoen baratzean sartuko den satorrik ez da. Batzuek ikaragarrizko lanak hartzen dituzte: estraktua kendu, eta hartzitu ondoren sator-zuloetan jartzen dute. Beste batzuek tartikuaren kimu berriak ebaki eta bertan sartzen dituzte. Nire iritziz, tartikua bera baratze bazterretan izatea da onena. Baratzean lurpetik sartu nahi duenean, satorrak sustraiak topatuko ditu eta haiek ere hozkadaka edo aztarrika hausten dituenean erre egingo du. Nik behintzat, etorritako bidetik laster alde egingo nuke. Argazkian tartiku landarea, loreontzian, Lekeitioko Usotegiko azokako saltoki batean.
news