id
stringlengths
17
47
source
stringclasses
54 values
license
stringclasses
15 values
lang
stringclasses
1 value
url
stringlengths
17
329
title
stringlengths
0
653
author
stringlengths
0
499
date
stringlengths
4
20
text
stringlengths
20
2.08M
domain
stringclasses
7 values
argia-4270b2239341
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/jose-luis-mendoza.html
"Erabakiak mila bider azalduagatik komunitate honetan aurrejuzgu pila bat dugu"
Mikel Garcia Idiakez
2016-03-13
"Erabakiak mila bider azalduagatik komunitate honetan aurrejuzgu pila bat dugu" Patata beroa egokitu zaio Nafarroako Hezkuntza kontseilariari: Lan Eskaintza Publikoa, D eredua, Ingelesez Ikasteko Programa, LOMCE… Konfrontazio eremu bilakatu dira euskara eta hezkuntza Nafarroan, eta erdi-erdian harrapatu du Jose Luis Mendoza (Carcar, 1954); oposizioak, Gobernukideek, sindikatuek eta hezkuntza eragile hainbatek kritikatua. Egoera argitu nahian jo dugu harengana. Hurrengo ikasturterako aurre-matrikulazio datuak argitaratu dira. Eskola publikoan D eredua lehenengoz izango duten eremu ez euskaldunean, informazio gabezia salatu du hainbat eragile eta gurasok. D eredua sustatzeko kanpaina edo estrategia falta izan zaio Gobernuari? Gure betebeharra da eredu publikoaren aldeko kanpaina egitea, hori izan da gure ardatza. Horrez gain, D ereduan matrikulatzeko aukera zutela azalduz gutuna bidali genien eremu ez euskalduneko gurasoei. Gure webean ere informazioa jarri dugu, ikastetxeetara bidali dugu, eta eskoletan jarraipena egin dugu. Beti esan dugu: edozein irregulartasun gertatuz gero, salatu, ikuskariak badaude ikastetxeetan, eta bestela Hezkuntza Departamentuarekin jarri harremanetan zuzenean; informazio faltagatik salaketa bakarra jaso dugu. Entzun edo irakurri dugu, guraso batzuk berdinaz kexatu direla, eta egia da gertatzen dela, ikastetxera joan, haurra eredu batean matrikulatu nahi duzula erran, eta "hemen ez dugu eredu hori" jasotzea erantzun bakartzat, baina zure betebeharra da hori salatzea. Eta zurrumurruetatik harago, ez dugu espresuki salaketa gehiago jaso. Dena den, kontuan hartu behar da aurre-matrikulazio kanpaina dela eta aurreikusten genuela informazio falta edo desinformazioa egon zitekeela; ekainean eginen dugu benetako matrikula, irailean egin daiteke azkeneko matrikula, eta pentsatzen dugu tarte horretan hainbat gurasok birpentsatu edo iritziz aldatu dezaketela. Benetan arazorik badago, konpontzeko garaiz gabiltza. Eremu ez euskaldunean D ereduan haur gutxi matrikulatu direla erraten dutenen aurrean, gure balorazioa bestelakoa da: gure egitekoa izan da 30 urtetan lehendabiziko aldiz Nafarroan eskaintza eta eskubide berberak bermatzea ume guztiei. 10 edo 100 matrikulatu, berme hori da guretzat inportanteena. "D ereduan 10 edo 100 matrikulatu, Nafarroan ume guztiei eskaintza berberak bermatu izana da guretzat inportanteena" Ekainera bitartean gurasoek matrikula birpentsatu dezaketela diozu. D eredua sustatzeko aprobetxatuko duzue? Guk eredu eta programa guztien alde egin behar dugu, eskola publikoa aldarrikatuz, eta gogoraraziko dugu matrikula aldatzeko aukera dagoela, nahi izanez gero. Aurreko gobernuak ezarritako IIP Ingelesez Ikasteko Programa (gaztelaniaz PAI) polemikoari moratoria ezarri diozue, dagoeneko martxan dagoen ikastetxeetan mantenduz, baina IIPren ebaluazioa duzue martxan: zein epetan egingo da ebaluazioa, eta ebaluazio horretan oinarrituko al zarete hezkuntzan zein hizkuntza tratamendu bultzatu erabakitzeko? Ebaluazioa da erabaki baten hastapena. Jakin behar dugu zer daukagun, zer dagoen ongi eta zer gaizki. Barne-ebaluazioa egina daukagu eta datuak oso kaskarrak dira. Ondorio nagusia da gurasoek nahi dutela ingelesezko programa bat, baina aurreko Hezkuntza Departamentuak oso gaizki antolatu zuela, akats ugari dituela eta Yolanda Barcinak berak aitortu moduan D eredua geldiarazteko jarri zutela martxan. Orain dagokiguna da hurrengo ikasturterako IIP ez daukaten ikastetxeetan ingelesezko beste programa bat  proposatzea. Eta IIP dagoen ikastetxeetan? Aurten moratoria daukagu, ikasturte honetan bertan behera uztea ezinezkoa zelako, dena aurrez antolatuta jaso genuen. Orain ebaluazioa aztertu eta erabaki eraikitzaileak hartuko ditugu. Baina epeak argi dituzue? Legebiltzarrean erran genuen, gure epea da legegintzaldi osoa. Horrek ez du erran nahi lau urte iraungo duenik prozesuak edo moratoriak hiru urte iraungo dituenik, baizik eta epe horretan moldaketak, proposamenak, zuzenketak… egingo ditugula, eta ahal bada, indar politiko guztiekin hezkuntza arloko ituna adostuko dugula. Moratoriak iraun bitartean, IIP duten ikastetxeetan programaren akatsak arintzeko neurriak hartuko dituzue? Bai, jakina, IIP duten ikastetxeek, programa horretan jarraitu arren, berme batzuekin egin dezaten: ikuskaritzaren eta teknikarien laguntza izango dute, irakasleen formakuntzan gehiago inbertitu dugu dagoeneko… Gabeziak antzeman eta konponduko ditugu, hobekuntzak sartu; ezin dugu programa noraezean utzi. "Gobernuko alderdietan inork ez ditu Lan Eskaintza Publikoaren oinarriak zalantzan jarri, baina asmo politikoak daude, menpekotasunak; ulertzen dut, joko politikoa da" Lan Eskaintza Publikoak (LEP) hautsak harrotu ditu, lehenengo Madrilgo helegitea dela-eta euskarazko lanpostuen eskaintza kopurua nabarmen jaitsi zenutelako, eta gero zerrenda bakarra egin ordez –bi hizkuntza ofizial dituzten Estatuko gainerako erkidegoetan bezala– bi zerrenda planteatu dituzuelako: gaztelaniaz eta euskaraz. Zergatik bi zerrenda Nafarroan? Hasteko, batzuek erraten dute hizkuntza ofizial bakarra hemen gaztelania dela, eta euskara koofizial hainbat alorretan. Alegia, eztabaida pedagogikoa beharrean eztabaida politikoa dela nagusi. Madrilgo helegiteak behartuta eskaintza murriztu behar izan dugu batetik. Eta zerrendaren gaian, hasiera-hasieratik ikusi genuen sindikatuen iritzia erdibiturik zegoela eta ez zegoela adosteko modurik: Hezkuntzako mahai sektorialean sindikatu abertzaleek dute gehiengoa [zerrenda bakarraren alde], baina Irakasleen Batzordean besteek [zerrenda bakarraren kontra]. Horri gehitu parlamentuan UPN, PP, PSN eta Izquierda-Ezkerrak adierazi zutela lege bat ateratzeko asmoa zerrenda bateratuaren aurka. Pentsatu genuen gatazka hau konpondu behar genuela, hasteko Gobernuko lau alderdion barruan iritzi bateratua adostuz, eta mehatxua gainean izanik ez zuela merezi jarraitzea, Gobernu hau beti saiatzen delako bi berme izaten: berme juridikoa, inork zure aurka ez egiteko eta erabakitakoa aurrera atera ahal izateko, eta berme ekonomikoa. Berme politikorik ere ez genuen, gehiengoak ateratako kontrako lege baten bidez erabakia bertan behera uzteko arriskua zegoelako. Eta azpimarratzekoa da oposaketetan bermatu dugula edonork euskarazko eta gaztelaniazko zerrendetan, bietan, parte hartu ahal izatea, azterketa bi egun ezberdinetan jarri dugulako. Oposizioaren presioak eta Gobernu barruko desadostasunek baldintzatu dute Lan Eskaintza? Izquierda-Ezkerrak desleial jokatu duela eta Gobernua ahuldu duela uste duzu? Gobernuko lau alderdiok akordio programatikoa eta oinarrizko filosofia bat daukagu, eta akordioen bukaeran agertzen da zein puntutan ez dugun adostasunik. Hortik aurrera, bakoitzak bere jarrera politikoa du eta bere interesak defendatzen ditu, eta berriz ere eztabaida politikora goaz: inork ez ditu Lan Eskaintza Publikoaren oinarriak zalantzan jarri, baina asmo politikoak daude, menpekotasunak –badakigu alderdi politiko batzuek lotura dutela sindikatu jakinekin–, eta hau guztia normaltzat hartzen dut eta ulertzen dut, joko politikoa da. Nahiago nuke hainbat gai gatazka politikotik atera, baina badakit ezinezkoa dela. Hamarkada hauetan Nafarroan ikusi dugu irabazi dutenek ia-ia nahi dutena egin dutela, baina aro politiko berri batean sartuta gaude, eta bai Gobernuaren politikak eta bai politika orokorra aurrera eramateko lau alderdien artean adostu behar dira; positibotzat jotzen dut. Azalpen, aurreikuspen eta planteamendu falta leporatu zaio Hezkuntza Sailari. Inprobisazioa eta ziurgabetasuna egon da gestioan? Departamentutik gauzak beti hobeto egin daitezke, edozein arlotan, baina erabakiak mila bider azaldu arren, nik uste komunitate honetan aurrejuzgu pila bat ditugula. Proposamen teknikoa proposamen politiko bihurtzen da, eta proposamen politiko horrek adierazten du Gobernu baten borondatea eta Gobernuaren testuingurua eta baldintzak. Uste genuen Eskaintza Publikoa guk planteatu bezala defendatzea posible izango zela, baina ikusi genuen zer nolako eztabaidak piztu zituen lau alderdion artean, eta ia konpondu ezinezko bi ardatz genituela: eskaintza publikoa bere horretan mantendu edo ez, eta zerrenda bateratua ala ez. Eta gertatuak gertatu, ziurrenik duela urtebete esan izan balitz eskaintza publiko batean aterako zirela euskarazko lanpostu gehiago gaztelaniazkoak baino, sinestezina litzateke. Baina urratsa eman dugu eta ez da zerua erori. Baina nahikoa izan da urratsa? Izan ere, tirabira politikoen aurrean amore eman duzuela uste du euskalgintzako hainbat eragilek. Ez da amore ematea, Estatuko abokatuak gure zerrendatik 100 lanpostu kentzea erabakigarria izan da. Aurrera jarraitu bagenu eta gero epaileak Estatuko abokatuari arrazoia ematen badio zer? Gure itxaropena da plaza horiek aurrerago ateratzea. Galdera beste era batera planteatuta: oposizioak euskararen kontra darabilen "pribilegio" eta "inposizio"-aren diskurtsoa diskurtso barneratua da Nafarroako gizartean? Zaila egiten ari zaizue urteetako politika linguistikoari irmotasunez aurre egitea? Zaila da, baina lau alderdion arteko akordioetan adostasuna badago horri aurre egiteko. Euskarabidearen betebeharra da. Euskara inposatu nahi dugula? Nafarroako Gobernuan euskarazko gaitasuna duten funtzionarioak ez dira %1era ailegatzen, eta eskerrak datuak guk handitzen ditugun, Hezkuntza Departamentuan %8 direlako. Gobernu akordioaren konpromisoa da herritarrei haiek nahi duten hizkuntzan zerbitzua eskaini ahal izatea, euren eskubidea delako. Baina mezu hori helarazten zaie herritarrei, ala inposaketarena nagusitzen da? Gauza bat da mezua eta bestea mezularia. Bai Gerra Zibilaren ostean eta bai trantsizioan Nafarroan egindako botere banaketaren ondorioa da egungo egoera, 30 urtetan garatua. Eta ondorioa da interes pila bat daudela, politikoak eta ekonomikoak, gauzek zeuden moduan jarrai dezaten. Eta orain arte agintean egon direnen euskarriak, egungo Gobernuaren kontra daudenak, oihartzun mediatiko izugarria dute oraindik. Sarriguren eta Noaingo ikastetxeetan hizkuntza ereduaren araberako banaketa eskatu dute D ereduaren aldeko gurasoek, murgiltze eredua bermatzeko eta gaztelaniazko lerroek "jan" ez dezaten. Gaztelaniazko ereduetan, hainbatek salatu du hori segregazioa dela. Zein da zuen jarrera? Erabakia gurea dela adierazi diegu ikastetxeei, ez dugulako patata beroa beren gain utzi nahi, baina erabakia hartzeko haien irizpideak jaso nahi ditugula esan diegu, zuzendaritzarena, klaustroarena, eskola kontseiluarena eta gurasoena. Nahi dutena jakin behar dugu, erabakia hartzeko. Gehiengoak nahi duena egingo duzue orduan? Gehiengo osoa baldin badago, errazagoa izango da guretzat erabakia hartzea, baina lehenbizi kopuruak eta zergatiak ikusi behar ditugu: ez da gauza bera esatea egiten duzuna dela "murgiltzea" edo "segregatzea". "PSNri eskatu diot Madrilen mugitu dezatela gauza LOMCE desagerrarazteko. Oraingoz zain gaude" LOMCE mantendu egin duzue ikasturte honetan, aurreko Gobernuak lotutako dekretuak bertan behera uzteak "sekulako iskanbila" eragingo zuela esan baitzenuen. Ikasturte bukaerako kanpo-azterketak egingo dituzte ikasleek, 3. eta 6. mailan? Guk egindako azterketak izango dira, ebaluazio diagnostikoak, eta besteak beste IIP ebaluatzeko ere balioko dute. Guk erabakitako edukiak izango dituzte, eta LOMCE saihesten saiatuko gara. Espainiako hauteskundeen menpe zintzilik utzi zenuten LOMCE, baina datorren ikasturtea gero eta gertuago dago eta Madrildik oraingoz ez dago berririk. Dekretuak mantenduko dituzue datorren ikasturterako? Bi aukera ditugu eskuartean: Madrilek LOMCE bertan behera uztea, eta uzten ez badu guk zein jarrera hartuko dugun. Kuriosoa da PSN hasieratik gainean izan dugula, ea noiz egingo diogun aurre LOMCEri, eta nik eskatu diet, eurek aukera daukatela orain Madrilen LOMCE desagerrarazteko, haien eskuetan dagoela eta mesedez mugitu dezatela gauza, LOMCE bertan behera uzteko. Zain gaude. Eta Madrilen mugitzen ez badira? Ba erabakiak hartu beharko ditugu. Baina oraingoz zain gaude. Azpiegitura plana zertan da? Egoera ekonomikoa da arazoa, Navarra Arena, Los Arcos eta halakoetan gastatu duelako dirua aurreko Gobernuak eta epaitegiek irakasleei arrazoia eman ostean 11 milioi euro ordaindu behar ditugulako. 40tik gora eraikin ditugu, egiteko edo eraberritzeko, eta daukagun aurrekontu murritzarekin ahal duguna egingo dugu. Lehentasuna jarri dugu Sarriguren, Buztintxuri eta Castejongo ikastetxeetan. Bestelako obra txikiagoak ere baditugu martxan… Aurreko gobernuak murrizketak egin zituen: gela bakoitzeko ikasle ratioak handitu eta irakasleei eskola-orduak gehitu. Ratioak aurreko balioetara itzuliko dira datorren ikasturtetik aurrera, eta irakasleen eskola-orduak ere, aurrekontuaren arabera baina asmoa da legegintzaldi honetan lehenera itzultzea. Baina hori guztia inbertsio ekonomiko handia da eta txanponak behar dira. Ea erreforma fiskalarekin sos gehiago lortzen dugun. Sos kontuekin jarraituz, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) finantzazioa indartu eta egonkortuko da? Oposizioak erran du NUPen aurrekontua izoztu dugula, baina gezurra da, aurrekontu nominala aurrekoaren berdina baldin bada ere, beste partida batzuk handitu ditugulako: bekak, formakuntza, doktoretza, graduondoa… Eta joan den ikasturtean kudeaketa ona egiteagatik gastatu ez zituzten 2 milioi euroak ere eskuragarri dituzte, ez ditu Gobernuak beretzat hartu bueltan. Bestalde, orain negoziaketak hasiko ditugu hainbat urtetarako planaren ildo nagusiak definitzeko. Ingelesa azkarrago hedatzen ari da NUPeko ikasgaietan, euskara baino (azken datuen arabera ikasgaien %60 gaztelaniaz eskaintzen dira, %20 euskaraz eta %18 ingelesez). Zein da Gobernuaren hizkuntza politika unibertsitate publikoan? NUPek bere hizkuntza politika propioa dauka, horretarako autonomia daukalako. Autonomia hori errespetatzen dugun arren, ez dugu nahi unibertsitatea irla bat izatea hezkuntza sisteman, eta saiatuko gara euskara ere kontuan hartuko duen hizkuntza politika adosten, euskaraz ikasten jarraitu nahi duten ikasleek –Nafarroakoek bakarrik ez, EAEtik edota Iparraldetik etor daitezkeenek ere– horretarako aukera izan dezaten. Gizartearen gaurko argazkia bakarrik ez, hizkuntza aldetik nafar gizarteak zein norabide hartuko duen aintzat hartzea komeni da. "Ekonomikoki begiratuta, Nafarroan dagoen bigarren enpresa da OPUS, eta hori ere kontuan hartzekoa da. Errespetatu egiten dugu bakoitzaren espazioa" OPUSekin aurreko gobernuak sinatu zuen ituna errespetatuko duzue, sexuaren araberako bereizketa egiten duten ikastetxeak diruz laguntzea debekatzen duen foru-legea egon arren, LOMCEk baimendu egiten duelako. Zein harreman duzue OPUSekin? Harreman normalak dira, ez bakarrik Hezkuntza Departamentutik, Gobernu osotik baizik. Azken finean, ekonomikoki begiratuta Nafarroan dagoen bigarren enpresa dira eta hori ere kontuan hartu behar da. Errespetatu egiten dugu bakoitzaren espazioa. Ikastetxe kontzertatuekiko diru-laguntzak bere horretan mantenduko dira? Printzipioz bai. Gizarteari zerbitzu bat eskaintzen diote kontzertatuek, zerbitzu publiko bat baliabide pribatuekin, eta funtzio hori aitortzen diegu, baina lehentasuna publikoak izango du beti. Datorren ikasturterako eskola-mapa berrantolatu behar dugu orain, eta eztabaidatu beharko dugu, diru publikoa jasotzen duten heinean, kontzertatuei zer nolako eskaerak egin diezazkiekegun, adibidez ikasle etorkinen harrera orekatzeko [atzerritar jatorriko ikasleen %83 sare publikoak hartzen ditu] edota irakasle lanpostua lortzeko eta ordezkapenak egiteko irizpide objektiboak bermatzeko. Ikastolak publifikatzeko aukera jarri zenuen mahai gainean, baina ezetz esan zuten. Elkarrizketa batean galdetu zidaten, "pentsatu duzue ikastolak publifikatzea?", baina guk ez dugu horren inguruan ezer pentsatu eta ikastolek ere ez digute halakorik planteatu, beraz gai hortaz ez dago ezer esaterik. Beste kontzertatuekin bezalaxe, harreman normalak ditugu ikastolekin ere. Kontzertatuetako irakasleei oposaketa modukoak egitea iradoki izan duzu. Negoziazioetan egon daitekeen proposamena da, diru publikoa jasotzen duten neurrian, baina besterik gabe. Hori da nik egingo nukeena, irakasleen kontratazioetan gardentasuna frogatzeko, baina horrek ez du esan nahi kontzertatuetako kontratazioak gardenak ez direnik. Nafarroarako Hezkuntza Lege baten premia ere aipatu izan duzu, eta hori lortu bitartean, ahalik eta indar politiko gehienekin adostutako trantsizio lege bat egitea. Hain juxtu, PSNk horretarako proposamena eraman du parlamentura, domina jarri nahian-edo, Uxue Barkosek aspaldi aldarrikatu zuelako hezkuntza arloko ituna adostea. Hori lortzea ongi legoke, inportanteena ez delako arlo politikoa, nafar gizarte osoari heziketa on bat eskaintzea baizik. Hezkuntza izaten ari da Nafarroan kritiken jomuga nagusia eta Uxue Barkosek ere esku hartu du behin baino gehiagotan. Politikoki kuestionatua ala babestua ikusten duzu zure burua? Hezkuntza izan dute jomuga, kontseilaria edonor dela ere, eta Uxue Barkos lehendakaria da, hezkuntzan bezala korapilatsuak izan diren beste gaietan ere adierazpen publikoak egin ditu. Azken finean, nik adierazten dudana ez da nire iritzi pertsonala, Gobernuaren jarrera da, baina bai, arlo beroa da eta ziurrenik hala izango da. Oraingoz behintzat gai sentitzen naiz jarraitzeko eta Gobernuaren babesa dudan bitartean segituko dut, baina prest nago edozein momentutan alde egiteko; proiektu baten barruan nago eta lehenengo lerroan egon gabe bertze toki asko daude lan egiteko, Nafarroan aldaketa garatzeko. "Diru publikoa jasotzen duten neurrian, kontzertatuetako irakasleei oposaketa modukoak egitea negoziazioetan egon daitekeen proposamena da".
news
argia-3f551c455a1a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/liburua.html
Nor gara iragandakoa eta gero?
Saioa Ruiz Gonzalez
2016-03-13
Nor gara iragandakoa eta gero? Ukabilak eta loreak (2015) ipuin bilduma plazaratu ostean, narrazio luzearekin itzuli da Julen Belamuno: Gaueko zaintzailea . Titulu beretik pertsonaiaren lanbideari buruzko informazioa bereganatzen dugu. Irakurketari ekiterakoan, gauez, aluminio-fabrika batean dena ordenan jarraitzen duela ikuskatzeaz arduratzen den pertsonaia bezala aurkezten zaigu. Ostera, narrazioan aurrera egin ahala, gaueko zaintzailea lanbide izateaz haratago, identitate bat biltzen duen izena dela ohartzen gara. Nor da beraz gaueko zaintzailea? Gaueko zaintzailea pertsonaia isolatua da, izaera obsesiboduna (ordenaren maitale amorratua), lagunik eta familiarik gabekoa. Bere aitaren pauso berberak segitu ditu bere buruari ezer ere kuestionatu gabe, edozein galderak bere mundu ordenatu eta erregularra hankaz gora jarriko duen beldur delako, eta erritu erlijioso baten antzera eutsi dio bere aitarengandik jasotako eginbeharraren kontzientzia zorrotzari. Esan daiteke, beraz, lanaz egin duela bere izena eta izana. Zer gertatzen da, ordea, oinordean jasotako engranajearen gurpila eteten bada? Nor izan zen/da orduan gaueko zaintzailea? Identitate baten (des)eraiketa horren inguruan gorpuzten da eleberriaren hari nagusia. Orduan hasiko dira narrazioari tonu existentzialista ematen dioten galderak: zer alde dago, azken batean, zerbait izan denaren eta ezer izan ez denaren artean? (41. orrialdea), nora joaten dira iraganeko gertaerak? (46. orrialdea), nolako bizimodua izango ote zuen [...] zaintzaile ez izatea aukeratu balu? (152. orrialdea). Hogeita zortzi urtetako dedikazio leial baten ostean –aita-semeen zerbitzaldiak batuz gero ia berrogeita hamar urte ateratzen zaizkio (151. orrialdea)– pertsonaia bere lana uztera behartua izango da. Teknologia aurreratuei esker bere postua bigilantzia kamerekin ordezkatuko dute, eta fabrikan pasako duen azken gau horretan kokatua da eleberria. Hala eta guztiz ere, iraganeko mundu baten amaiera eta bizitza berri baterako trantsizio gau horretan, pertsonaia ez da etorkizuna proiektatzeko gai, inertziaz jarraitu duelako jasotako bizimodua. Horren ordez, nostalgiaz ekingo dio iragana gogoratzeari: gaueko zaintzailetzak indarra zueneko garaiak (55.orrialdea), ura gardena eta garbiagoa zeneko garaia (104. orrialdea), sirena hotsen ordez ezbeharrak zabaltzeko eliz kanpaiak baliatzen zireneko garaiak (122. orrialdea). Nondik datorren eta nora doan galdezka dabilen gizakia da. Horregatik da izengabea, denok gordetzen dugulako gaur egiten gaituen eta gero bilakatuko gaituen orainaren iragan bat.
news
argia-0d5be9206d25
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/biolur-elkartearen-diagnostikoa.html
Bertako elikagai ekologikoei sukaldeko ateak irekitzen
Garazi Zabaleta
2016-03-13
Bertako elikagai ekologikoei sukaldeko ateak irekitzen Azken urteetan hazkunde nabarmena izaten ari da nekazaritza agroekologikoaren sektorea. Hein handi batean elkarte eta kontsumo taldeek egindako formazio lanari esker, kontsumitzaile "arduratsuak" ikasten ari dira bertako ekoizle txikien produktuak baloratzen eta ekologikoari garrantzia ematen. Baina, betiko azoka edota kontsumo taldeetako saskietatik harago, zein aukera gehiago dituzte ekoizleek beren produktuak zuzenean saltzeko? Galdera horri erantzunak emateko, azterketa egin du Biolur Gipuzkoako nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak. Otsailaren 25ean egin zuten txostenaren aurkezpena Donostiako Km0 jatetxean, ekoizleekin emaitzak eta aurrera begirako alternatibak partekatzeko. Donostiako hainbat jatetxek sarea egingo du inguruko baserritarrekin Gipuzkoan badira jada hainbat ekoizle txiki jatetxeei beren produktuak saltzen dizkietenak, baina orokorrean gutxi baliatutako aterabidea da. Euskal Herritik kanpo, ordea, badira nekazari txikien eta errestaurazio kolektiboko enpresen arteko sareak martxan, eredutzat har daitezkeenak. Hemengo sare hori ehuntzen hasteko, ENEEKek (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua) sustatuko duen proiektu pilotu baten berri eman zuten Biolurreko kideek, diagnostikoaren emaitzatzat har daitekeena: Donostiako hainbat jatetxek inguruko baserritarrekin sare txiki bat antolatu eta salmenta bide hori sustatzea izanen du helburu proiektuak. "Desfasea dago jatetxeen eskari eta eskaintzaren artean. Hau arazo bezala ikusi beharrean, ordea, aukera bezala ikusi behar dugu: egun dauden ekoizleen produktuentzat aterabide modu bat izan daiteke, baita etorkizunean sektorean sar daitezkeen ekoizle berrientzat ere", azpimarratu zuen Marc Badal Biolurreko kideak. Tokikoa bai, ekologikoa ere bai Orokorrean begi onez hartu zuten proiektua aurkezpenera agertutako ekoizleek. Hala ere, kezka bat nabarmen agertu zen eztabaidan: tokiko produktuen kontsumoa eta ekoizle txikiak sustatzea gizartean geroz eta indartuago dagoen arren, elikagaiak ekologikoak izatearen garrantzia zalantzan jartzen da askotan. Are gehiago, sarritan "gutxietsia" ere izaten omen da. Kontsumo ereduaren eta elikaduraren inguruko formazio lanetan segitzeko beharra agerian gelditu zen, beraz. Bien bitartean, jarrai dezatela tokiko barazkiek beren bide laburra egiten: baratzetik azokara, kontsumo taldeko saskira, eskolako jangelara nahiz gure jatetxeetako sukaldeetara!
news
argia-154e28cfa6d6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/143-agai.html
143 agai
Jakoba Errekondo
2016-03-13
143 agai Arbolari bezalaxe zuhaitzari agaia jarri eta adarrei goian eustea kultura da. Jakintza handia, kultura. Bestela adarrak hautsita eta desitxuratuta, zarrapastroso litzatekeen landare tzarrari lagundu, eta era berean etorkizun berri bat eman. Kultura: landu. Hazten lagundu. Zenbaitetan baita zeharo bestelakoa izango den landare bat izateraino ere. Bere buruaz beste landare bat egiten dugu. Adibide polita bezain ikusgarria dute Formenteran. Ikusgarria bai, benetan, bisita bat merezi duten horietakoa. Makina bat gauza kaxkarrago ezagutzeko asmoz mugitzen gara urrutirago... "Na Blanca d'en Mestre" du izena, eta pikondo bat da, Ficus carica . Es Pla d'en Mestren bizi da; ehunen bat urte ditu, eta 356 metro koadroko itzala egiten du. Pikondoa indarrean etortzen den arbola da; behin itsatsita, azkar hazten den horietakoa. Baina egur makala du, ahula, maskala. Azkar hazten delako ala azkarrago hazi nahi duelako? Zein ote egur gogorra ez egitearen arrazoia? Batetik, egur sendo zeken iraunkorra ez egiteak azkar hazteko aukera ematen du. Energia gutxiago behar du. Azkarrago haziko da. Bestetik, egur biguina sortzeak adarrak pixka bat luzatu orduko makurtu eta lurreratzea dakar. Lurra ukitzen duenean sustraiak emango ditu, eta bertan, adar hori dela medio amari lotutako pikondo berria haziko da. Horri berari ere adarrak hazi, makurtu, errotu, itsatsi eta landare berriak etorri; bukatzen ez den katea. Pikondoari bakea emanez gero, inguruko jira-buelta osoa harrapatuko luke adarretik sortutako arbola berriz; gero eta zabalago, heda eta heda, pikondo erraldoi bat eta bakarra litzatekeena sortuz. Horixe da "Na Blanca d'en Mestre". Hazi ahala makurtzera jotzen duten adarrei, ordea, makulua, agaia jarri diete. Eta agaian sendo oinarrituta adarrak aurrera; eta agai berria eta aurrera. Pikondoak 356 metro koadro azpian hartu arte, ahuntz-talde eta artalde galanten abaro. Arkitektoen ikasgai da. Eraikuntza dela diote. Nik kultura dela diot, 143 agaik eusten duten monumentua. 1992an izen hori eman zioten; Europako pikondo handiena omen.
news
argia-b2d615d63d06
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/ondo-konektatua-ondo-kontrolatuta-ikusi-zenbat-dakizun-ton-siedsmaz.html
Ondo konektatua, ondo kontrolatuta: ikusi zenbat dakizun Ton Siedsmaz
Pello Zubiria Kamino
2016-03-13
Ondo konektatua, ondo kontrolatuta: ikusi zenbat dakizun Ton Siedsmaz Estatuen –eta korporazio handien– inteligentzia zerbitzuek herritar guztion komunikazioen metadatuak pilatzen dituzte: zein ordutan nondik nori hitz egin edo idatzi diozun, watsappez, emailez... "Lasai, edukiak ez dizkizugu begiratzen" diote agintariek. Holandako herritar batek bere burua eskaini du astebetez erakusteko herritarron kontrola noraino iristen den. Azken denboretan jakin da mundu osoko inteligentzia zerbitzuek, aitzindari eta buru dutela AEBetako NSA Segurtasun Nazionaleko Agentzia, herritarren komunikazioen metadatuak kopuru izugarrietan pilatu dituztela, tartean e-mail eta telefono mugikorretatik lortuak. Jendeak –kezkatuenak, egia, gehiengoa futitzen baita– zelatatuta sentitu direnean, segurtasun indarretako buruek eta agintari politikoek lasaitu nahi izan dituzte esanez beren komunikazioen edukien konfidentzialtasuna bermatua dela. Agintariek gordetako metadatuak ez dira, berez, posta edo deien edukiak berak; metadatuok dira nork nondik nori noiz nora deitu edo idatzi zion, telefonoa une bakoitzean non zegoen (geolokalizazioa), zein webgune bilatu edo bisitatu den... Asko da ala gutxi maiseatzea da? Amsterdamen bizi den Ton Siedsma gazteak bere burua eskaini du akuritzat  De Correspondent aldizkariarekin elkarlanean astebeteko komunikazio guztien jarraipena egin eta analizatu diezaioten. Emaitza, ARGIAko irakurle asko ere harrituko dituena, Dimitri Tokmetzis kazetariak kontatu du otsailean. 2015eko azaroaren 11n hasita Siedsmak astebetez ez du egin beti egiten ez duen ezer: lana, lagunekin egon, neskalagunarekin ere bai. Hori bai, aplikazio batek jaso ditu zortzi egunez Siedsmak smartphonetik bezala ordenagailutik egindako komunikazio guztiak. Azaroaren 18an aldizkariak Siedsmaren metadatuen bilduma analizatzeko utzi dizkie Ganteko (Flandria) unibertsitatean ari den iMinds ikerlari taldeari, eta Risk and Security Expert konpainiari. De Correspondent eko Dimitri Tokmetzisek ere bere analisiak egin dizkie. 15.000 itu edo gertakizun eskaini ditu aste beteko jarraipenak. Telefonoak antenaren batekin topo egin duen bakoitzean, baita e-mailen bat hartu edo bidali edo webguneren bat konektatu duen aldioro, Ton non zegoen marka geratu da metro gutxiko okerrarekin. Gizonaren harreman sarea ere kartografiatu ahal izan dute, telefonoko eta e-mail bidezko trafikoari esker. Webean egindako ibileretatik dakite non sartu den eta zer bilatu duen. Eta postako mezuen gaia ere ikusi ahal izan dute ikerlariek. Prozesua bukatzeko, De Correspondent ek publikatu du Ton Siedsmaz aste beteko jarraipen arin batekin jakin duena, akuriak berak baimendu ez duen xehetasun pertsonalen bat salbu. Eta nor da Ton, miaketaren arabera? Hogeita hamar urte bete ez dituen lizentziatu gaztea da. Jasotzen dituen e-mailek ikasleen bizilekuak eta aldikako lanak aipatzen dituzte. Ordu luzez aritzen da lanean eta trenean ere denbora asko ematen du, lanagatik. Nekez etxeratzen da 20:00 baino lehen eta etxean ere lanean darrai berandu arte. Bere neskalagunak Merel du izena. Jarraipenak ez du argitu elkarrekin bizi direnez. Elkarri egunero watsapez 20 mezu inguru bidaltzen diote, gehienetan Ton etxetik kanpo dabilenean. Merelek ia beti deitzen dio Amsterdameko geltoki nagusian trena hartu aurretik. Merelek ahizpa bat dauka Annemieke izenekoa, ikaslea oraindik, bere mezuetako baten izenburuak doktorego tesia aipatzen du. Akuriaren ikasgaia Tonek maite ditu kirol informazioak, nu.nl, nrc.nl et vk.nl guneetan jarraitzen dituenak. Txirrindularitzaren zalea da, berak ere praktikatzen du. Eleberri eskandinaviarrak leitzen ditu, Google eta Yahoon zer bilatzen duen ikusita, erlijioaz ere interesatzen da. Baliteke kristaua izatea. Jarraitzen du erlijio gaiak lantzen dituen Karen Armstrong, Tomasen Ebanjelioa eta The Messiah book Middle Ages ere bai, katedral eta elizetako sinbolismo kontuak bezala. Wikipediara asko jotzen du gai horien atzetik. Alde friboloago batetik, Tonek ikus-entzuten ditu Youtuben Jerry Seinfelden "Sweatpants" eta Rick Astleyren "Never Gonna Give You Up" . Holandako tele-errealitatean famatua den Roy Donders aktorea jarritzen du. De Correspondent ek azaltzen ditu Tonen kapritxo gehiago, edonork hurbileko lagunei besterik aitortzen ez dizkien horietakoak. A, eta tematuta dabil audio kasko on bat eskuratzeko, Bluetooth eta guzti ahal bada. Tonek postarako hiru helbide ezberdin erabiltzen ditu, laneko gauzetarako bat eta bestelako harremanetarako beste bi. Horien helbideetan eta "Gaia" atalean arakatze soilez, ikerlariek ondorioztatu dute teknofiloa dela, jantzia gainera. Informazioaren teknologiak ditu maite, informatikako segurtasuna, bizi pribatuaren defentsako eta Internet eta askatasunei buruzko gaiak. Sarritan mezuak zifraturik bidaltzen ditu, PGP sistemaz lagunduta. SQLite motako data base programei buruzko bilaketak egiten ditu askotan. Forum teknikoetan parte hartu ohi du eta horietan datuen analisiei eta erregistratzeari buruzko informazioak bilatzen ditu. Hackerren mundua eta pedo-pornografia aztertzen duten adituena ere gertutik jarraitzen ditu. "Susmoa daukagu, era berean, Ezker Berdea alderdi politiko holandarraren jarraitzailea dela", diote analisian. Herritar baten joan etorriak nola kontrolatzen diren adibidetzat, Siedsmak azaroaren 13an egin dituen mugimendu guztiekin grafikoa eskaintzen du De Correspondent ek interneten edonoren ikusgai. Telefonoak eta ordenagailuak sarean utzitako arrastoei esker, ikerlariek ondorioztatu dute Tonek jurista lanak egiten dizkiola Bits of Freedom ( bit hitzarekin jokoa eginez, Askatasun zatiak edo Askatasun bitak) erakundeari. Bere harremanetan askotan aipatzen ditu Europar Batasunaren legeak gai honetaz, poliziak eta inteligentzia zerbitzuek nola egiten duten lana pedo-pornografia sareez. Bits of Freedomek daramatzan kanpainez asko hitz egiten da bidalitako eta hartutako elektro-postetan, horien izenburua ikuste hutsak erakusten duenez. Risk and Security Expert konpainiak ondorioztatu duenez, "Siedsma oso ondo kokatuta dago Bits of Freedomen barruan egoeraren ikuspegia orokorra behatzeko, gauza garrantzitsua informazio zerbitzuen ikuspegitik". Ton Siedsmaren lagunei dagokienez, ikerlariek hiru multzotan sailkatu dituzte, nahiz eta akuriarekin aurrez egindako tratuagatik uko egin dioten e-mailetako harremanak telefono deiekin gurutzatzeari, funtsean lagunen intimitatea errespetatze aldera. Nahi izan balute egingo zuten erraz.     Hori dena gutxi balitz, iMindseko analistek lortu dute Siedsmaren Twitter, Amazon eta Googleko kontuetan sartzea, duela hilabete gutxi horien segurtasun sistemetatik ihes egindako pasa-hitzekin jokatuz. Tonek ustez sekretuki komunikatuak ikusi ahal izan dituzte eta nahi izan balute bere ordez egin ahal izango zituzten erosketak ere. Hori dena egin badute zortzi eguneko jarraipen arin batekin, pentsa inteligentzia zerbitzuek...
news
argia-338f95e54e36
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/zaborrak-nonahi.html
Zaborrak nonahi!
I�aki Barcena
2016-03-13
Zaborrak nonahi! Zaborrak nonahi!", kantatzen dute Gipuzkoako gazteek. Azken udal hauteskundeek  Gipuzkoan aldaketa politikoa ekarri zuten, EH Bilduk aginte makila EAJri pasatuz. Askoren ustez, hiri hondakinen politika izan zen gako nagusia gipuzkoarren boto aldaketan. Kuriosoa da, Europar Batasunetik Gipuzkoako zaborren politika eredugarritzat jotzen zenean birziklatze eta gutxitze tasa altuengatik, Espainiako Estatuarenak altuenak izatea. Atez ateko bilketaren aldeko politikak jokoz kanpo utzi zuen EAJk, PSEk eta PPk Zubietan eraiki nahi zuten errauskailua. Alabaina, gipuzkoarrek Aldundiak bankuekin 2011ko hauteskundeen aurreko astean sinatutako berme finantzariak ( swap ak) "bermatzen" jarraitu behar izan zuten. Demokraziaren eta ekonomiaren gaineko hainbat ikusmira egon ziren lehian lau urtez. Gipuzkoako herri batzuetan atez ateko bilketaren aurkako "kontramugimenduak" sortu ziren eta komunikabide nagusiek kanpaina sutsu bat egin zuten EH Bilduren gobernuaren aurka, zarama politika erdigunean egonik. Zaila da jakiten, errauskailuaren bazterketa eta atez ateko politika gobernu aldaketaren zio printzipala izan ote zen, baina duda izpirik ez dago zaborren auzia oso presente egon zela 2011-15 legealdi osoan eta hauteskunde kanpainan ere bai. Zaborrak nonahi. Santanderrerako bidaia, merkea ote? Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak zor handiak ditu La Caixa eta Banesto bankuekin swap engatik (50 milioi euro inguru) eta hiri hondakinen kudeaketa oso problematikoa izan zaio zabortegien faltagatik. Soluzioa: zaborren tarifak igotzea (%20 errefusarentzat eta %44tik gora organikoarentzat) eta hiri hondakinak Merueloko (Kantabria) zabortegira eramatea. Herrialde txikia da Gipuzkoa eta populatua. Azken urteotan birziklatze tasa altuak lortu dituzte hainbat bailaratan (Debagoienan, %80 gaika biltzen da) baina gehien birziklatzen duten udalerri horiek kaltetuen aterako dira prezioen gorakadagatik.    Bizkaiaren eredurantz? Aspaldian entzun genion Bizkaiko zarama politikaren arduraduna zenari, Iosu Madariagari, Euskadin errauskailu batekin nahikoa zela. Zergatik ez dira eramaten Gipuzkoako zaborrak Bilboko Zabalgarbira? Ez al da negozioa? Hamar urteotan Zabalgarbik emandako emaitza ekologiko zein ekonomikoak ez dira batere erakustekoak. Bizkaian birziklatzea %40 ingurukoa da, errausketaren hautsak ez dira behar bezala tratatzen eta produkzio elektriko txikia iruzurrez zenbatzen da eta CO2 isurtzen duten instalazio industrialen rankinean bosgarrena da, Petronor (Muskiz) lehenengoa izanik. Eredugarri? Alfonbra azpiko politikak ez dira onargarriak, zarama politika funtsezkoa baitugu udalerri orotan. Bakoitzak bere ereduaren bila urratsak eman bai, baina bide laburrik ez!
news
argia-3d10c7947b2c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/alokairuzko-negartiak.html
Alokairuzko negartiak
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-03-13
Alokairuzko negartiak Baiona, 1298. Udal ordenantzen bidez, oihuak, negarrak eta atsekabe adierazpenak debekatu zituzten hiletetan. Oñatiko 1479ko araudi batek jasotzen duenez, lantuez gain "aurpegiak zauritzea" ere galarazita zegoen. Erriberriko agintariek, aldiz, ilea ez erauzteko eta arropak ez puskatzeko eskatzen zuten. 1486ko Lekeitioko ordenantzen arabera, senitarteko zuzenek soilik zeukaten negar eta auhen egiteko baimena, baina haiek ere baldintza bat bete behar zuten: ileetatik ez tiratzea. Arauak ez zuen eragin handirik izan, urte batzuk geroago Udalak gortera eta Calahorrako gotzaintzara jo baitzuen laguntza eske. Hala, 1519an lekeitiarrek Errege Agindu eta Calahorrako ikuskatzailearen mandatu bana jaso zuten, hileta elizkizunetako gehiegikeriak galarazten zituztenak. Bizkaiko Foruetan arau berri bat erantsi zuten 1526an, gehiegizko lantuak debekatzeko. Baina horrek ere ez zuen jarduna eten, Gordexolan 1548an berriro ere erostariak debekatzen ahalegindu izanak frogatzen duenez. Erostari esaten zitzaien Bizkaian eta adiagile Gipuzkoan, hor ere "negarti profesionalak" bai baitzeuden. 1581ean Zestoan bildutako Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Azkoitiko prokuradoreei errieta egin zieten, herri horretan adiegileen ikuskizunek indarrean jarraitzen zutelako. Eliza katolikoa ere ahalegindu zen ohitura "paganoa" desagerrarazten. 1541ean Iruñeko gotzaina Tolosara joan zen bisitan eta, bide batez, emakumeei debekatu zien "negar, oihu eta txalo egitea (...) defuntuen aldeko elizkizunetan". 1590ean Iruñeko sinodoak hau erabaki zuen: "Ez da kontuan hartzen bizitza honetatik irtetean betiereko bizitzan sartzen garela, oihuekin elizetako bakea hausten dute; hemendik aurrera defuntuekiko sentimenduak neurriz adieraztea agintzen dugu. Eta gehiegikeriarik balego, erruduna elizatik bota dezatela". XVI. mendearen amaieran Andres Alonsotegik zioen erostarien zerbitzuak geroz eta gutxiago erabiltzen zirela. Eta 1625ean Lope de Isastik idatzi zuen neurriz kanpoko lantuak bazirela, baina soilik senideenak, ez ordainpeko auhendarienak. Hala ere, Julio Caro Barojaren arabera, XIX. mende bukaeran Bizkaian, Elantxoben esaterako, erostari ordainduak bazeuden oraindik, eta Joxemiel Barandiaranek 1923ko urtekarian jaso zuenez, urte hartan Gernikan eta Kortezubin gutxi batzuk geratzen ziren. Beraz, ohitura oso zabaldua izan zen gurean duela gutxi arte. Isastik azalpen soila eman zion horri: "Probintzia hauetan negar egiteko ohitura handiagoa dago beste toki batzuetan baino, hemen bihotzak samurrak direlako". Esteban Garibairentzat, aldiz, hemengoak nahiz beste edozein lekutakoak, "alokairuzko negartiak" besterik ez ziren.
news
argia-db30eb4f210e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/espezializatuegiak.html
Espezializatuegiak
Endika Alabort Amundarain
2016-03-13
Espezializatuegiak Ibaizabaleko itsasadarraren ezker ibarrean, Bizkaian, ekonomia monokultiboaren gertuko eredurik nabariena izan dugu. Siderurgia eta metalurgiaren eremua izan zen, lantegi eta labe garaiak izan ziren Ezkerralde osoaren bizitza ekonomiko eta soziala sektore hauek gidatu zutenak. Gauza berbera esan dezakegu Enkarterri eta Meatzaldeari buruz, burdin meategien monokultiboa baitzegoen. Azken eskualde horretan, meatzaritza amaitu bezain laster ekonomiaren gainbehera izan zen, gaur egun arte. Ezkerraldeari so eginez, antzeko zerbait gertatzen ari da, azken industria handiek galtzeko arriskuan baitaude, ArcelorMittal Sestao honen adibide izanik. AEBko hiri famatu batean antzekoa gertatu zen. XX. mende hasieran, Detroit hiriko ekonomia autogintzan espezializatu zen, monokultiboa bilakatuz. Mende amaieran sektoreak beste herrialdetara alde egin zuen, ekonomikoki hiria hustuz. Egoera hau From Detroit to De(s)troit dokumentalak oso ondo erakusten du. Industria sektorearen etorkizuna gero eta ilunago denean, badirudi turismoa gure ekonomiaren salbatzailea izango dela; horrela adierazten dute agintari politikoek Horrelako ekonomia hondamendiak ugariak izan dira historian, gure erreferentzia eskualdea bada, sistema ekonomiko kapitalistaren funtzionamenduarekin lotura estua du. Hau da, denbora tarte batean, eskualdean ekonomiaren "espezializazioa" bultzatzen da, irabazi-tasak handituz eta lehen aipatutako monokultiboa oso adierazgarria izaki. Noski, irabaziak murrizten direnean, inbertsioak beste eskualde eta lurraldeetara mugitzen dira eta lurraldea nola geratzen den, bost axola kapitalari. Desindustrializatze prozesuak horren ondorioak dira. Gainera, ekonomia eta gizarte hondamendi hauek larriagoak izaten dira sektore horiek nazioarteko merkatuen edo enpresa trasnazionalen esku daudenean. Industria sektorearen etorkizuna gero eta ilunago denean, badirudi turismoa gure ekonomiaren salbatzailea izango dela; horrela adierazten dute agintari politikoek: BPGn duen eragina gero eta nabarmenagoa da. EAEn, %5,8. Nafarroan, %6. Sortzen duen enplegua gero eta handiagoa da, lan baldintzak aparte utziko ditugu eta "kalitatezko" turistak erakarri nahi ditugu. Hau da, kultur maila handikoak, aberatsak edo diru mordoa gastatzen dutenak. Arriskua da, industria gainbeheraren ostean, turismoa eskualde askotan gure monokultibo berria bilakatzea. Ez dugu ahaztu behar sektorea enpresa trasnazional batzuen menpe dagoela, eta gure eskualdeetako eskaintza zirkuitu horietan txertatzen dela (landa turismoa hauetatik kanpo dago). Turismo ereduari buruzko eztabaida publikoa eta kritikoa falta da, beste sektoreetan izan ditugun arazoak ekiditeko. Datozen turistak, joango dira, gure bizirauteko beharra, aldiz, hemen geratuko da.
news
argia-baf6ac819f0b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2499/berrikuntza-keinuak-belodromoan.html
Berrikuntza keinuak Belodromoan
Xabier Letona
2016-03-13
Berrikuntza keinuak Belodromoan Arnaldo otegik samur gainditu du jarri zaion lehen langa, eta hori espetxetik atera berritan egitea asko da. Komunikazio ahalmenaz zeresanik ez, lehen erakutsitakoa berretsi du orain, eta ez nolanahi. Gainera, jakin izan du interpretatzen ezker abertzalean dauden beharrak, eta sikiera hori berba bidez adieraztea ez da gutxi, hori delako gero praktikara eramateko lehen oinarria: iparra independentzian, argi eta garbi, Euskal Estatuan; ezkerreko eta gizarte mugimenduetako aldarrikapenak lehen lerroan; errealitate politiko berriaz jabetuta –Ahal Dugu–; eta ilusioa zabalduz, azken hauteskundeetako danbatekoen ondoren, bere burua berregituratzen ari denarentzat ezinbestekoa. Edozein talde edo erakundetan, berrikuntza pertsona berriek bakarrik egin dezakete, eta horretarako borondatea badago, beteranoenek aldaketa hori egiten lagun dezakete Ezker abertzalean ilusioa falta ei dela azpimarratu zuen Belodromoan. Abian txostenean ere agertzen da ideia hori: "Egin dugun aldaketa baten konplexutasuna ulertu behar dugu eta behar bezala kudeatu, Ezker Abertzalearen oreka emozional kolektiboa berreskuratzeko. Pasio komunak berpizteko, elkarrekin borrokatzeko, elkarrekin lan egiteko gozamena gaurkotuz. XXI. mendeko Ezker Abertzalearen eta euskal borrokaren epika sortuz". Ezker abertzaleko oinarriak behar zuen txute bat eta Otegik eman dio, epika eta guzti gainera. Otegi zen agerraldiaren muina, baina bestelako zizka-mizkak ere egon ziren. Jon Maiaren jardunak oihartzun handia izan du, Belodromoko milaka pertsonek baino askoz gehiagok jarraitu dute olerki-abesti katea eta bertsolariak herritar askoren barrena ukitu du. Biralitatearen tamaina izan da ezustekoa, baina Maiarengandik espero liteke halako jardun bat. JONE ETXeBeRRIA Sortuko sozio-ekonomia alorreko militantearen jarduna politikoki deigarriagoa izan zen: ezkerreko gizarte sektore zabalen oinarri-oinarrizko adarrak astindu zituen. Tamainako ekitaldian, bera moduko pertsona lehen lerro politikora ateratzea bada ezker abertzaleak premiakoa duen musu berritzeari egindako keinua. Pertsona, ideia eta antolamenduaren berrikuntza ezinbesteko baldintza dira eraldaketaren aldeko edozein  mugimendurentzat, eta ezker abertzaleak badu horretarako beharrik. Ez da kanpokoen pertzepzioa bakarrik, egun, dagoeneko, barrukoa ere bada; azken bost urteetan gizarte mugimendu askotan elikatu dena, orain egitura politikora heldu da. Abian zorrotza da diagnostikoan: "Bistan da. Ez diegu bertikaltasunari, barne demokrazia gabeziei, erabakien gardentasunari eta beste zenbait konturi behar bezala aurre egin, eta horrek, azkenean, proiektu politikoa kaltetu du (…) agertutako gaitasun estrategikorik eza ez da naturala, ez da halabeharrezko zerbait, gaizki egindako gauzen ondorioa baizik. Besteak beste gaurkotu ez den antolaketa eta jarduera estilo-ereduaren ondorioa. Aro berria tresna zaharrekin kudeatu nahi izan dugu eta ez du funtzionatu…". Eta jarraitu nahi duenak topatuko du autokritika gehiago sarean dagoen Abian agirian. Alde horretatik jarrera interesgarria agertu zuen Otegik: egin baino lehenago entzun. Ez da erraza izango, kazetari gisa urte luzez politikarien inguru-marian ibili izanak, oro har, erakusten dizu politikariek zein gutxi galdetzen duten, eta bistan da galdetzen ez duenak ez duela entzun nahi. Aurpegi berritzeari dagokionez, Otegi HBko Mahai Nazionalaren espetxeratzeak jaurti zuen pantailen aurrera 1997an. Ezker abertzaleak orain badu pauso hori lasaiago egiteko aukera, baina lokartu barik, pertsona berek nekez emango baitute jarduera berririk. Gaitza berrikuntza garrantzitsurik egitea, trantsizioa aparatuko pertsonek gidatzen badute. Edozein talde edo erakundetan, berrikuntza pertsona berriek bakarrik egin dezakete, eta izatekoan, eta horretarako borondatea badago, beteranoenek aldaketa hori bideratzen lagun dezakete. Lege oso zaharra da hori. Horrek arriskua onartzea esan nahi du eta proiektu politikoa ez kontrolatzeko prestutasuna. Ez da samurra, baina hori da berrikuntzaren prezioa. Eta aldaketa prozesu horretan guztian, nola kokatzen da lider beterano bat?
news
argia-fab4f68b21fa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/armadarik-txikiena.html
Armadarik txikiena
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-01-22
Armadarik txikiena Egun, munduko ejertzito ofizial txikiena Vatikanoko Guardia Suitzarra da: 100 kide. Baina aurrez izan dira armada txikiagoak, gerran parte hartu dutenak gainera. 1866an Liechtenstein Austriar-prusiar Gerran sartu zen Konfederazioaren aldean, eta 80 kideko gudarostea Garibaldi buru zuten italiarren aurka borrokatzera bidali zuten. Ez ziren borroka zuzenean sartu eta, parte hartze labur eta lasaia amaitutakoan, bajarik gabe itzuli ziren. Kondairak dio bueltako bidean ofizial austriar batek haiekin bat egitea erabaki zuela, hau da, 80 joan zirela gerrara eta 81 itzuli. Handik bi urtera armada desegin zuten eta orduz geroztik printzerri txikia neutrala da.
news
argia-d81dac54cc36
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/ablazioak-min-ematen-badigu-utz-dezagun-alde-batera-tradizioaren-zati-hori.html
"Ablazioak min ematen badigu, utz dezagun alde batera tradizioaren zati hori"
Reyes Ilintxeta
2017-01-22
"Ablazioak min ematen badigu, utz dezagun alde batera tradizioaren zati hori" Fatima Djarak ez ditu saltzeko bere herriko, Ginea Bissauko, ohiturak. Denari eusteko prest ez dago, ordea. Ablazioa desagerrarazteko borrokan dabil, batik bat Nafarroan. Kontu handiz ari da lanean, ez du uste mutilazio genitala egiten dutenak gaizkiletzat hartu behar direnik. Nolakoa izan zen zure haurtzaroa? Aita mandinga etniakoa zen eta musulmana. Ama hegoaldean dagoen Catió  hirikoa eta kristaua. Bissau hiriburuan elkartu eta han sortu zuten familia. Amaren aldetik sei anai-arreba izan nituen eta aitaren aldetik asko ginen, baina egun soilik bost gelditzen gara. Oso familia xumea zen gurea. Aita arrantzalea zen eta nik 7 urte nituenean itsasoan hil zen. Osaba batekin gelditu nintzen eta barnetegi batera eraman ninduen ikastera. Ginea Bissauk herrialde sozialisten laguntza handia izan zuen. Adibidez, askatze borrokaldian hil zirenen seme-alabentzako ikastetxeak ireki zituzten. Hara joateko aukera izan nuen. Ondoren, Kuban izan nintzen 14 urtetatik Herri-Lan ingeniaritza ikasketak amaitu arte. Afrikako jende asko ibili ginen urte haietan: Sahara, Mozambike, Angola, Sao Tome, Cabo Verde, Etiopia, Sudan… Ikasketak amaitutakoan Gineara itzuli eta 1991tik 2004ra Herri-Lan Ministerioan egin nuen lan. Zergatik atera zinen Ginea Bissautik 2004an? 2003an Ministerioak errepideak mantentzeko hitzarmen bat sinatu zuen Belgikarekin. Hara joan nintzen ikastaro bat egitera eta han ezagutu nuen ugaltze tratamendua egiten lagundu zidan neska. 1992tik ezkondua nintzen eta seme-alabak nahi genituen ekarri, baina ezin. Dena abian jarri genuen, baina nire senarrak Bruselara tratamenduan parte hartzera joan behar zuenean, auto istripua izan zuen Ginean eta hil zen. Kolpe latza izan zen. Mundua goitik behera etorri zitzaidan. Etxera itzuli eta dolu-aldia amaitzean alde egitea erabaki nuen, ezin nuelako gehiago. Erotzeko hurren nengoen. Bruselan urtebete eman ondoren amak esan zidan Bilbon bizi den ahizparengana joateko. Eta hori egin nuen. Ahizpari bere haurrekin laguntzen nion eta hasi nintzen emakume afrikarren mugimenduak ezagutzen. Munduko Emakumeak elkartearekin hasi nintzen lanean. 2008an Munduko Medikuak erakundeak lan eskaintza bat atera zuen, aurkeztu nintzen, eta Iruñera etortzeko proposamena egin zidaten. Hemen nabil orain, 10 urteko semetxoarekin. Zertan datza zure lana Munduko Medikuak elkartean? Emakumeen mutilazio genitalaren prebentzio programa bateko arduraduna naiz. Nafarroan bizi den komunitate afrikarra sentsibilizatu eta formatu nahi dugu. Askok pairatu dute edo gertutik ezagutzen dute, baina ez dute txartzat hartzen. Emakume askok ez dute onartzen bai fisikoki bai psikologikoki kaltetuak izan direnik. Izan duten heziketagatik pentsatzen dute emakumearentzat ona dela mina onartzea, negarrik ez egitea, horretaz ez hitz egitea. Bitartekari izanda eta ablazioa pairatu dugun emakumeak izanda, gure lana bada mutilazioak zer eragiten digun erakustea. Guk hori bera pasa dugu, gauza berdinak entzun ditugu, eta esan nahi diegu dena gezurretako mito bat dela. Errua ez diegu gure gurasoei, gure zaharrei, bota nahi, baina aldaketa soziala eragin behar dugu. Mutilazioak min ematen badigu, tradizioaren zati hori alde batera utz dezakegu, eta beste guztiarekin jarraituko dugu, ohitura eder eta denontzako onuragarria izan dadila. Zein zerbitzu eskaintzen dituzue? Laguntza zerbitzua ematen diegu emakumeei medikuarengana joateko, adibidez. Gizonekin ere lan asko egiten dugu. Askotan ez dakite zer den eta ablazioa gizonen zirkunzisioarekin alderatzen dute, baina ez du batere zerikusirik. Emakumeari klitoria kentzen diote, haragia, eta ez azal pusketa bat. Tailerretan, baginaren erreprodukzio bidez erakusten diegu zer den mutilazioa eta izutu egiten dira. Afrikarrekin lan egiten duten profesionalei formakuntza ematen diegu. Sarri hemengo medikuek, irakasleek eta gizarte laguntzaileek ez dakite nola heldu gaiari, ez dituztelako afrikarren ohiturak eta pentsamoldeak ezagutzen. Profesionalek besteen lekuan jarri behar dute eta gauzak nola esan pentsatu, aurrean duena iraindu gabe.   Argazkia: Dani Blanco. Zeintzuk izan dira aurrerapauso nabarmenak Nafarroan? 2013ko uztailean prebentzio protokoloa onartu zen eta horri esker bideratzen dira formakuntza saio guztiak. Horrekin batera, mutilazioa pairatzeko arriskuan dauden nesken familiek agiri bat sinatu behar dute haien jatorrizko herrietara oporretara joan aurretik, ablazioa eginen ez dietela hitzemanez. Itzulitakoan, medikuak azterketa egiten die neskei eta mutilaziorik izan bada gizarte zerbitzuei eta adingabeen fiskaltzari berri ematen die. Gurasoek 6 eta 12 urte arteko kartzela zigorrak jaso ditzakete. Oso argudio indartsua da, semea edo alaba kartzelan sartuz gero nork mantenduko du familia hemen eta Afrikara dirua bidali? Horrez gain, familiei erakusten diegu gaia nola argudiatu Afrikan, hango senitartekoen aurrean, baina errespetua galdu gabe. Guk halako muturreko egoeretara, zigor penalera, ez dugu iritsi nahi, ablazioa egiten dutenak ez direlako gaizkileak, gure ustez. Ama guztiek onena nahi dute beren alabentzat, baina ez dugu ahaztu behar gizarte patriarkal eta oso tradizionalaz ari garela. Ezin ditugu pertsona horiek gure ikuspuntutik soilik epaitu. Oso ongi dago hori dena kode penalean agertzea, baina gure filosofia, gure estrategia, emaitza horiek saihesteko aldez aurretik lan egitea da. Afrikarrek nola hartzen dute zuek esandakoa? 2008an hasi ginenetik hona, Nafarroan, aurrerapen nabarmena ikusten da. Hasieran oso zaila zen afrikar komunitatearengana iristea. Antolatzen genituen saioetara ez zirela etortzen ikusita, estrategia aldatzea erabaki genuen. Osasun sexual eta erreproduktiboa lantzen hasi ginen haien auzoetan eta elkarguneetan, gizarte zerbitzuen laguntzarekin. Ez zuten hitz egin nahi. Hasieran pentsatzen zuten erotuta nengoela mutilazioaz hitz egiten nuelako eta kalera bidaltzen ninduten. Orain, aldiz, horretaz mintzatu nahi duzula edo dokumental bat egin nahi duzula esaten baduzu emakume guztiek nahi dute parte hartu eta haien ahotsa jarri mutilazioa bukatzeko. Hemen, orain, gizon afrikarrek mutilazioaz hitz egiten dute. Askok eta askok badakite zer den eta zer ondorio dakartzan. Oraindik lan handia dago egiteko, baina aurrera goaz. Emakume afrikarrek zer pentsatzen dute ablazioaren kalteez? Kalteak asko eta ikaragarriak dira, bai osasunaren aldetik, baita psikologikoki ere. Ondorio fisikoak mutilazio motaren araberakoak izaten dira. Lehen motako ablazioa bada, hau da, klitoriaren prepuzioa mozten badute, emakume ugarik ez du kaltegarritzat jotzen, ez duelako plazer sexuala ezagutzen. Beste arazo batzuk, fistulak edo erditze momentuan izan daitezkeenak, sarri ez dira ablazioaren ondoriotzat jotzen. Batzuek arazo fisiko horiek superstizioekin lotzen dituzte. Uste dute gaizki daudela budu egin dietelako, adibidez. Gainera, gaizki ikusia dago sufrimendua erakustea. Emakume batek horrengatik sufritzen badu, triste badago, depresioan erortzen bada, jendeak erotzat hartzen du eta familiak baztertzen du. Emakume askok osasun mentaleko arazo larriak dituzte. "Guk halako muturreko egoeretara, zigor penalera, ez dugu iritsi nahi, ablazioa egiten dutenak ez direlako gaizkileak, gure ustez" Zein da ablazioaren helburua? Gure gizarte eredu patriarkalean ablazioa emakumea menderatzeko modu bat da, bere sexualitatea kontrolatzeko modu bat. Nork dio, adibidez, hemengo emakume zuriak edo mutilatuta ez dauden beltzak ez direla garbiak? Nork dio klitoria neurriz kanpo haz daitekeela zakil bihurtu arte? Nork dio mutilatuta ez dagoen emakumeak ezin duela birjina iritsi ezkontzara? Birjintasuna eta mutilazioa ez doaz lotuta. Ni mutilatua naiz eta ez nintzen ezkontzara birjina iritsi, ez nuelako nahi izan. Eta kito. Zorionez, pentsatzeko modu hau azkar ari da zabaltzen baita Afrikan ere, eta oraingo gazteek ez diote garbitasunari lehen bezalako garrantzirik ematen. Hemengo gizartea nola ikusten duzu? Iruñea gustatzen zait, txikia delako. Harrera ona egiten dio kanpokoari, baina jendea hotza da. Ez dut lehorra esan nahi, baina zaila da lagunak egitea. Herri txikietan integrazioa errazagoa da, afrikarrak harremanetan gaudelako eta jendea ezagutzea ere errazagoa delako. Nafarroa, oro har, oso kontserbadorea da. Guk ahaleginak egiten ditugu integratzeko eta elkarbizitza sustatzeko, baina ez da erraza. Orain adibidez, Flor de Africa gure elkartearentzat egoitza bila gabiltza, baina ezinezkoa da. Emakume beltzei izugarrizko prezioak eskatzen dizkigute lokalak alokatzeagatik. Horregatik emakume afrikarrok erakundeei eskatzen diegu laguntza. Espazio bat nahi dugu gure kultura ezagutzera emateko, Afrika positiboan eta mundu guztiari irekian erakusteko. Argazkia: Dani Blanco. Euskara izan daiteke integratzeko laguntza bat? Noski. Gustatuko litzaidake euskara ikastea, eta nire semeak ere bai, baina erraztasunik ez dago. Guk ezin diegu etxeko lanekin lagundu eta ikastetxeetan, adibidez, ikastordu batzuk jarriko balituzte irakasle batzuekin errazagoa litzateke. Gure seme-alabak hemengoak dira eta integra daitezela nahi dugu. Horretarako modu onena da hemengo bi hizkuntzak ikastea. Zuk zenbat hizkuntza dakizkizu? Portugesa, frantsesa, gaztelania eta Afrikako hizkuntza batzuk: aitaren aldetik mandinga, amarenetik pepel-a eta beste zenbait hizkuntzatan moldatzen naiz. Indomable liburua kaleratu duzu. Zein da helburua? Jendeari kontatu nahi nion nola bizi garen emakume afrikarrak. Ablazioa oso esperientzia mingarria izan da niretzat. 4 urte nituen, baina gogoratzen dut ebaketa egin zidaten eguna, eta inguruko emakumeek gauza bera pairatzen dutenean dena gogorarazten dizute berriro. Ahizpa nagusia eta biok esnatu gintuzten eta esan ziguten guretzako egun handia izanen zela. Amonaren etxera eraman gintuzten eta han festa handi bat egin zuten. Ebaketa egin ziguten eta gero zauria sendatu. Oso mingarria izan zen eta hurrengo egunak ere bai. Txarrena pixa egitea zen, erre egiten baitzuen. Liburua egitea proposatu zidatenean oso gogorra izan zen niretzat, baina onartu nuen. Gorka Moreno kazetariak izugarri lagundu zidan nire sentipenak, oinazea eta errebeldia adierazten. Zein asmo duzu etorkizunerako? Etorkizunean Ginean ere lan egin nahi nuke. Dunia Musso (Emakumeen mundua) elkartea dugu hemen eta Ginean aldi berean lanean. Otsailaren 6an Ablazioaren Aurkako Eguna da eta bost kilometroko lasterketa antolatu nahi dugu horretaz ozenki hitz egiteko, ezer ezkutatu gabe. Enpresen eta jendearen laguntza behar dugu. Han gazte talde batekin ari gara lanean, formatzaileen formakuntza ikastaroak egiten ari gara haiekin eta oso ongi doa. Lasterketaren helburua da gizarteak ikustea jende gaztea mutilazioaren aurka dagoela.
news
argia-cac32a92c945
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/ongi-etorri-gure-zirkura.html
Ongi etorri gure zirkura
Miren Artetxe Sarasola
2017-01-22
Ongi etorri gure zirkura Begoña Huartek eta Mikel Zuloagak aske geratu bezain laster aldarrikatu dute beraiei egotzi zaien protagonismoa errefuxiatuei dagokiela, berez. Ozta-ozta jakin dugu atxilotu zituztenean furgonetan zekartzaten zortzi errefuxiatuak ere aske daudela. Errefuxiatuak. Zenbat ote dira? Milioi bat? Hogei milioi? Ehun? Non daude? Alegia, non daude orain ? Ez dute izenik, ez aurpegirik, ez istoriorik. Kontzeptua bera ere definitu beharrekoa da. Nor da eta nor ez da errefuxiatua? Ongi-etorri, nor ? Eta otu zaizu honakoa idatz zenezakeela: "Zer pentsatuko dute errefuxiatuen gaiari buruz ongi-etorri handirik gabe aspaldi auzotar bilakatutako Aminak, Idrissak eta Alejandrak?". Baina, onartu beharra duzu: zuk auzoan izen eta guzti ezagutzen dituzun guztiak dira zuriak eta hemen sortuak. Aipatu izenak ez dira egiazkoak kasualitatez ez bada, eta susmoa duzu izenen erabilera hori ez dela politikoki bidezkoa baliabide literario gisa ere. Idatzi egin dituzu, alabaina. Gaiari buruzko argialdi bila kalera atera eta "Bikote siriarra pisu bila" irakurri duzu bebarruko horman itsatsita. Eta zure burua harrapatu duzu galdezka ea benetan siriarrak ote diren, eta ez baldin badira, ea gezur hori zilegi ote den. Ongi etorri gure zirkura.
news
argia-5409227d2e6e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/negu-hotza-elokadin.html
Negu hotza Elokadin
Itxaro Borda
2017-01-22
Negu hotza Elokadin Erratzuko Zubi Gorri tabernan nintzen batez, zoko batetik Erramun Martikorenaren ahotsa altxatu zen ilunean: 1980ko hamarkadako Otsobi diskoko Elokadiko mendian edo Abenduaren lauean kantak ikara hazi zidan bizkar hezurrean gora, begiak hezetzeraino. Baigorriko abeslariaren boza zoharrak mendeak eta karroin aldiak atzera eraman ninduen, gau beltza, izar lokak eta ardi marrakak ikur. Euskarazko kantutegian kausitzen dira ofizioak edo lanbideak aipatzen dituzten antologiazko puskak. Umorez, malenkoniaz ala seriostasunez harilkatzen direnak. Halatan, laborantza, arrantza, oihalgintza, ikazkintza, artzaintza beraien artearen betetasunean agertzen zaizkigu, gizaldiak ahitu arren. Aski da gelditzea bertso mutur baten leize hegian eta irudimena akuilatzea, bertan gaude gu ere, demagun Elokadiko Mendian, larrazken hondarreko haize zakarra arteka guztietatik pasatzen uzten duen borda bateko su durduzatuaren ondoan, artzainekin solasean, honetaz eta hartaz. Eta rai larai larai larai.      Abenduaren lauean     Elokadiko mendian     ene ardien erdian     Rai larai larai larai     ene ardien erdian     hotzak hartu nitian... Nekazaritza doi bat ezagutzen duena menturaz harrituko da abenduaren lauan ardiak bortuan direla entzuteaz. Normalean artaldeak urria erditsutan jaisten dira alhagietatik, elurrak etorri aurretik. Baina Elokadi ez da halako bortu gorakoia: zazpi ehun eta hirurogei metrotan zutuntzen da, Nafarroaren bihotzean, Aldude herria eta Beartzun arroilak osatzen duen auzoaren erdian. Daldaraz gabiltza Belaun portuko tenperaturen apaltasun garratza azpimarratzen duelarik koblakariak. 'Cancionero vasco' bilduman bertsio zuhurragoa irakurtzen dugu. Martikorenak hegalda arazten duenaren kokin eta lizun zama ukatu ezina da. Azkue apezak aldiz, garbitasuna bide zuen lehiatzen, aldaera hau paperean etzan zuenean Alabaina, askoren antzera, Elokadi gailurra Erramun Martikorenaren begietatik ikusi dugu, egiazki begimendu aurretik Beartzungo kuartel zaharraren maldatik. Hor, lehen bistan uste da bide bazterrean bermatzen den masa begetala huntz hostoaren erreinua dela, pixka bat inguratu eta etxe gotor baten arkitektura sumatzen hasten gareneraino: harrizko ateak, leiho karratuak, burdinazko balkoia... Aldudeko haranaren eta Baztanen artean gaueko lana, kontrabandoa hots, indartsu zegoen garaiko aztarna misteriotsua da kuartela. Soa hedatu eta han dago Elokadi. Urrunetik irudi luke Elokadik haritzez eta pagoz osatu oihan koroa dakarrela kasko inguruan. Alhagiak ageri dira, patar bezain nasai. Basagaretik goaz, oinez, seinale zuri-berdeei jarraituz, itzultzerakoan Beartzuneko zubira jaisteko, sei koplak buru zokoan arraiki dantzan. Urratsaren neurkatzeko egokia da abestia, zainetan erritmo zaintsua isurtzen digula. Eskualde oparoa da, artzainen eta tratulanten elkar trukatzeak ugariak zirela sentitzen da: hor dira prehistoriako mugimenduen aztarnak, harrespilak, zutarriak eta trikuharriak.   Artzainez, kontrabandistez eta muga zainez gain Elokadiko maldetatik iragan ziren Napoleonen armadako ehiztariak, Baigorriko Harizpe mariskalak kudeatzen zituenak. Marrapietarako galtzada geratzen da denbora haietako oroigarri gisa: Frantses enperadoreak 1808an moldatu zuen Baztanen zehar, Espainiara zuzendu zenean, Portugal setiatu asmoz. Banka, Aldude eta Urepele halaz biziki hurbil dira Beartzun eta Elizondotik. Neguan hargatik, elurra denean, pasaia zailagoa da. Abenduaren lauan imajinatzen ahal ditugu artzainak hotzez trantsituak, berotasun ametsez garra atitxatzen dutela. Manta behar gorria azpimarratzen du koblakariak, Azkuek bildu ez, baina Martikorenak, agian ohituratik jasoaz, eskaintzen digun bigarren atalean:      Etxolan baditut bi manta     bat bestea bezain xarmanta:     Otto zenaren presenta     Rai larai larai larai     otto zenaren presenta     dena zilo eta tarrata...     Tantatan tarrabian     manta berria botikan     nehor ez dila abian     Rai larai larai larai     nehor ez dila abian     Karriren dela bertze urtian. Ardurenean artzaina bakar-bakarrik irudikatzen dugu mendietako xendretan bere ardien gibeletik, baina gehienetan bi edo hirunaka ibiltzen ziren lanean, gogor. Lankide baten izena ezagutzen dugu. Lauriano, umore aski onekoa dela ematen du. Beharbada, denbora errazago eta gozoago pasatzeko, egilearen bertso partaidea zitekeen.      Ene lagun Lauriano     ezta kexatzen oraino     holakorik egundaino     Rai larai larai larai     holakorik egundaino     ez dut ikusi oraino. Bortüan Ahüzki ospetsuan, gailur mitikoko hur hunak osoki hartaz beste ontasunik ere aurkitzen zen bezalaxe, Behorlegiko herritik saldoan mutikoekin jostatzera zetozen neskatila ejerrak adibidez, Elokadin halaber neska gazte plazentak etortzen ziren artzainen bisitatzera, beraien alaitasuna, bizitasuna eta maitasuna ekarriz. Maria eta Kattalin ordea ez dira biziki fidatzen:      Maria eta Kattalin     etxeko zoko biak berdin     ez dute nahi gurekin     Rai larai larai larai     ez dute nahi gurekin     gaurik pasatu Elokadin. Cancionero Vasco bilduman bertsio zuhurragoa irakurtzen dugu. Martikorenak hegalda arazten duenaren kokin eta lizun zama ukatu ezina da. Azkue apezak aldiz, garbitasuna bide zuen lehiatzen, aldaera hau paperean etzan zuenean:      Maria eta Kattalin     gure etxen oro berdin     eztute nahi ardiekin     Rai larai larai larai     eztute nahi ardiekin     gaurik pasatu Elokadin. Olerkian nabaritzen da etxearen eta etxolaren arteko funtsezko ezberdintasuna. Bat aberatsa da, bestea gabeziak markatua. Agian hor kokatzen da sekula ikertzen ez den klase borroka mutu baten hatza Artzainak gehienetan lurrik gabeko nekazariak ziren. Etxetiarrak. Etxean ezkontzen zenaren haurride saldoko baten bat. Etxeko jaunen egitura soziala ez zen baitezpada samurra, sistematik kanpo jardutera behartuentzat. Hala ere, artzainak, gazteak ziren kanta honetan nola, airosak, dantzan, solasean, bertsotan, zirtoka, basahaideetan trebe, lana bazuten eta neskek begi suharrez begiratzen zieten. Zer gehiago eskatu zezaketen? A bai, manta bat neguaren atarirako. Olerkian nabaritzen da etxearen eta etxolaren arteko funtsezko ezberdintasuna. Bat aberatsa da, bestea gabeziak markatua. Agian hor kokatzen da sekula ikertzen ez den klase borroka mutu baten hatza. Etxean oparotasuna da nagusi:      Etxean eder da behia     lanka mail, adar handia     beterikan establia     Rai larai larai larai     beterikan establia     zein den eder ikustia... Eta etxola zer? Mehetegi, erabat. Borda soila da, laster eta doi eraikia, artekaz eta itaxurrez josia. Zakurra ere egoera larrian erakusten digute:      Etxol' aitzinean xakurra     tripa azpian muturra     baina ez zaude gustura     Rai larai larai larai     baina ez zaude gustura     itaixura burura... Sukaldeko berotasuna eta garbitasuna biak deitoratzen ditu bertsolariak. Txabolan emazteen barnerako tirak sortu gozotasun izpirik ez dagoela azpimarratzen du Azkuek gatibatu bertsioak:      Hemen ez da holakorik     hotza alde orotarik     hunat arras bekan baizik     Rai larai larai larai     hunat arras bekan baizik     ez da jiten emazterik. Astean bizpahiru ostiral bazituzten orduko artzainek. Gaurkoek bezala funtsean. Lanbideak, mendeak mendetegi, hazi duen erromantismo aieruetatik mila legoatan gaude Elokadiko Mendian eta abenduaren lauan. Euskal Herriko kantutegietan leku hautuan dagoen pieza eder hau, bihotzetik ezpainetara lerratzen den irri batez abesten dugu, arraiki, lanera goazenean demagun. Resurrección María Azkue jakintsuak bere lanik ospetsuenean sartu zuen, musika partizioarekin, Aldudeko Uhart erretoreari entzunik. Ororen buru Martikorenak oparitzen digunaren eta Azkuek bildu bertsioak kasik antzekoak dira. Salbu... Maria eta Kattalin bizitoreen aipuaren orduan: apezarena nabaritzen da hitzetik, bekatu zantzuetatik hain urrun alabaina...     Ez dute nahi ardiekin     gaurik pasatu Elokadin... Poema zoharra noizkoa den ezin da zehaztu. Ziur gaude gaurkotasunik bederen ez duela galdu. Artzainak hor dabiltza beti, mugak ukatuz, ardiak nora, beraiek hara, kezkatuak eta batera alaitsuak. Aldude, Urepele eta Baztango alhagietan ageri dira eta hurbiltzen gatzaizkienean beti prest direla ele zuhurrak trukatzeko. Bideaz nondik doan galdatzen diegunean erantzuna argia da: – Ardiak pasatzen diren xendretatik pasatuko da bai jendea! Rai larai larai larai...
news
argia-8fc9cf9f791c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/arantza-diez-errefuxiatuekiko-axolagabekeriari-aurre-egiten.html
"Mediterraneoan gertatzen dena ez da drama, krimena baizik"
Saioa Baleztena
2017-01-22
"Mediterraneoan gertatzen dena ez da drama, krimena baizik" To Kyma. Rescat al mar Egeu dokumentalaren zuzendaria da Arantza Diez (Bartzelona, 1975) eta egunotan Lesbos, a cor obert liburua aurkezten ari da. Lesboseko bizipenak azaldu ditu, kazetaritza-kronika baino zerbait gehiago izan nahi duen liburuan. Noiz eta nola suertatu zitzaizun Lesbosera joateko aukera? To Kyma. Rescat al mar Egeu (To Kyma. Erreskatea Egeo itsasoan) dokumentalaren harira, David Fontseca zuzendarikideak egin zidan proposamena. Sekulako aukera iruditu zitzaidan, garai hartan Lesbosen gertatzen zena isilpean zegoelako oraindik, eta noski, aurkikuntza ikaragarria izan zen. Zer aurkitu zenuen hara iritsitakoan? Joan aurretik gertatzen ari zenaz asko irakurri nuen. Murgilketa moduko bat egin nuen. Gogoratzen dut Lesbosi buruz Time aldizkariak atera zuen zenbaki berezi bat. Baina hara iritsi nintzenean ikaragarria izan zen. Argazkiak eta hitzak motz gelditzen dira hango krudelkeria bizitzean. Itzuli nintzenean nire dieta mediatikoa erabat aldatu zen. Kataluniako aktualitate politikoaren inguruko interesa galdu nuen erabat, eta oraindik ez dut berreskuratu. Zenbateraino aldatu da testuingurua urtebete honetan? Aldaketarik handiena martxoan Europar Batasunak eta Turkiak sinatu zuten itunak ekarri zuen. Argi dago Turkian 8.000 lagun ateratzea ahalbidetzen zuten mafiek segurtasun indarren babesa zutela. Izan ere, itunaren ondoren eten da jarioa. Jendea iristen da oraindik ere, baina inolaz ere ez 2015eko urrian, ni han nintzenean, iristen ziren bezainbeste. Zein iritzi duzu itunaz? Legez kanpokoa izateaz gain, tamalgarria da gizakion bizitzekin salerosketa egiten duelako. Tira, ez da berria, Espainiako hegoaldeko muga-eredua esportagarria da: Espainiak Marokori ordaintzen dio jarioa eteteko. Han berdin gertatu da eta horrek milaka laguni zigorra ekarri die. Mugak jartzea ez da sekula irtenbidea eta jatorrizko arazoa mantentzen den bitartean jendeak eskapu egiten jarraituko du. Oso larria da: ez gara salgaien zirkulazio askeaz ari, baizik eta pertsonen zirkulazio askeaz, eta hori Nazioarteko Giza Eskubideen Adierazpenean, Genevako Hitzarmenean eta Europar Batasuneko araudiaren erraietan jasota dagoen oinarrizko eskubidea da. Inpunitateak ez du mugarik. Arantza Diez Lesbosen, 'To Kyma. Rescat al mar Egeu' dokumentalaren grabazioan. Nola da posible Europar Batasunak egoera honen aurrean urratsik ez egitea? Oraintxe 62.000 lagun daude Grezian harrapatuta. Horietako 16.000 uharteetan, Egeo itsasotik iritsi dira Turkiaren eta EBren arteko itunaren ondotik. Beraz, euren estatusa atxiloketa administratiboa da. Gainontzeko ia 50.000 errefuxiatuak, aldiz, Greziako iheslarientzako eremuetan daude. Testuinguru horretan, harrigarria iruditzen zait Europa, denbora honetan guztian, irtenbiderik aurkitzeko gai ez izatea. Izan ere, han eta hemen, hamaika hiri prest daude aspalditik milaka errefuxiatu jasotzeko. Baina hori ez da gertatuko Europak jarrera aldatu arte.  Tira, oso polita da babes-hiri bilakatzea, baina horrek gero egiazko presioa eragiten badu. Haratago joan behar dugu. Katalunian, Espainiako gainontzeko hainbat txokotan bezala, hamaika hiritako udalak lanean ari dira, noski. Hala ere nik indar falta ikusten dut. Elkarte interesgarri asko ari dira norabide horretan lanean, baina presioa gizartetik jaio behar da, ondoren presio politiko bilakatu eta herri erakundeetatik autonomikora, eta autonomikotik estatuko erakundeetara iritsi arte. Zein iritzi duzu kazetaritzak errefuxiatuen inguruan egin duen jarraipenaz? Autokritikoa naiz eta onartu behar dut nik neuk askotan terminologia desegokia erabili dudala. Errefuxiatuen krisiaz hitz egiten dugu, krisia gizartearena edo Europar Batasunarena denean. Mediterraneoan gertatzen dena ez da drama, baizik eta krimena. Ezinbestekoa da gai guztietan, baina honetan bereziki, kazetariok hitz egokiak erabiltzea gure lana zuzentasunez egiteko. Eta kazetariok egin dugu kale, ez hedabideek. Kazetaritzak zer egin dezake? Galdera egokiak egiten dituen kazetaririk ez dago. Europar Batasuneko hedabideetan, nazioarteko sailetako kazetariek ez dute interesik erakunde publikoetako politikariek beren erantzukizuna onar dezaten. Nola da posible oraindik ere ez jakitea Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko itunaren ondoren Greziak zenbat pertsona deportatu duen? Edo nola da posible informaziorik ez egotea Europan desagertu diren 10.000 haurren inguruan? Kazetaritza da oraintxe botereak erantzukizuna bere gain hartzeko dugun baliabide bakarra, eta zoritxarrez, hedabide garrantzitsuenetako kazetariek ez dute beren lana egiten. Nolako harrera izan du Lesbos, a cor obert (Lesbos, bihotza irekita) liburuak? Tirada txikia izan du oraingoz, katalanez baitago bakarrik. Gaztelaniaz ere idatzi nahiko nuke, historia zabaltzeko modukoa iruditzen zaidalako. Beraz, oraintxe, saldutako kopuruak baino, irakurri duen jendearen input -ak jaso ditut bakarrik. Eta asko gustatu zaie. Irakurterraza da eta askok esan didate hunkitu direla...
news
argia-fdb1aa3cdc39
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/isabel-perez-gazako-kazetaria.html
"Palestinako botere-guneak emakumeen esku baleude, egoerak hobera egingo luke nabarmen"
Axier Lopez
2017-01-22
"Palestinako botere-guneak emakumeen esku baleude, egoerak hobera egingo luke nabarmen" Ejean jaioa, Tuteratik gertu dagoen Aragoiko herrian. Kazetaritza ikasketak Madrilen amaitzean Ekialde Hurbilera zuzendu zituen pausoak. Libano, Siria, Jordania… Egipton arabiera eta Iranen persiera ikasi ondoren, 2013an erabaki zuen Gazako Zerrendan bizitzea. Ordutik, sare sozialen bitartez eta Hispan Tv, El Mundo edo ElDiario.es hedabideetan egiten duen lanari esker, munduko aire zabaleko kartzelarik handienaren ahotsa eta aurpegia da askorentzat. Gazan bizi den Espainiako Estatuko pertsona bakarra da. Zergatik Gaza? Hemen duzu erruduna (alboan duen Mussa'ab Bashir mutil-laguna seinalatuz). Berak ohartarazi zidan ez zela erreza izango. Ni aurretik Egipton bizi izan nintzen eta pentsatu nuen antzekoa izango zela, baina, bistan denez, askoz zailagoa izan da. Israelgo aire armadaren etengabeko jazarpen psikologikoaren eta blokeoaren ondorio gogorrez gain, Gazako gizartea krisian dago egunero bere burua giltzaperatuago ikusten duelako, eta jendeak bere baitan are gehiago itxi eta erlijiora jotzen du. Zure bikotekidea gazatarra bada ere, ezkutuan heldu zineten Gazara. Nire atsekaberako, leku itxiak gustuko ez ditudalako, tunel baten bitartez sartu ginen Gazara. Nik uste nuen bidaia hura askoz korapilatsuagoa izango zela, baina azkenean bi minutuko paseo lasaia izan zen. Oso normalizatuta zegoen. Normalizatuegia. Egun tunel gehienak suntsituta daude. Gainera, handik gutxira Egiptoko presidente Mohamed Morsi boteretik kendu zuten eta are txarragoak izan ziren Israelgo blokeoaren ondorioak. Zer oroitzapen duzu zure lehen hilabeteei buruz? Aurreneko erreportaje eta elkarrizketak bereziki gogorrak izan ziren jendearen bizimodu prekarioaz jabetu nintzelako, inoiz heltzen ez den nazioarteko komunitatearen laguntzaren peskizan beti. Eta, maleruski, oraindik mingarriagoa egin zitzaidan beste gauza batez ohartu nintzen: Palestinako bestaldeko politikari palestinarrek ere, Zisjordaniakoek, Gaza albo batera uzten dutela. Horri gehitu behar dizkiozu blokeoaren eguneroko ondorioak: ohiko elektrizitate mozketak, ur edangarriaren eskasia… Adibide bat jartzearren, egin kontu zer den negu gorrian ur zikinek itotako auzoen berri ematera joan, zikinkeriaz lepo itzuli etxera eta ezin dutxa bat hartzea ur berorik ez dagoelako. Halere, ez nuen uste jendeak halako pazientzia izango zuenik horren umiliagarriak diren baldintzak jasateko. Ba al da normaltasunik edo egunerokotasunik Gazan? "Gazakoak honezkero ohituta zaudete", diote batzuek. Gorroto dut aditz hori. Inor ez da inoiz ohituko duintasunik gabeko bizimodura. Gazatarrek erresilientzia moduko bat garatu dute, baina hori ere higatzen ari da. Adituek diote 2020an Gazan ezin izango dela gizakirik bizi. Hori egia da. Minbizi kasu ugari daude, emakume pilo bat bularreko minbiziak jota dago medikazio egokia jaso barik, giltzurrunetako hutsegitea ohikoa da umeengan… Gaixotasunetako asko oso lotuta daude azpiegituren eta ur zikinen sarearen gabeziekin. Ur zikinen zati handi bat tratatu gabe isurtzen da itsasora edo laborantza-lurretara. Akuiferoko ura kutsatuta dagoenez, bakteria kaltegarriak harrapatzea erraza da. Nik neuk bi hilabete eman ditut antibiotikoekin salmonella tifoideak jota. Odol analisiak egitera joan nintzenean, erizainak barre egin zuen eta zera esan zidan: "Nik ere badut hori, ikasi berarekin bizitzen, ez da ezer gertatzen". Egun ezinezkoa da Gazako Zerrendan aurkitzea fisikoki guztiz osasuntsua den inor. "Kamera geldian" egindako genozidioaz hitz egin izan duzu. Makiavelikoa da. Nire ustez dena aztertuta daukate. 2005ean Israelgo armada Gaza ingurura bildu zen eta orduan pentsatu eta ezarri zuten blokeoa. Arnon Soffer, blokeoa diseinatu zuen geografoak –egun Haifako unibertsitateko irakasleak– zera esan zuen: "Animalia horiek are animaliago bihurtuko ditugu". Gerra ere bizi behar izan duzu. 2014ko uztaila zen. Nik ez nuen sekula gerraz informatu. Lagunak eta auzokideak ebakuatuak, bonbardatuko dutena zure etxea edo albokoa izango den beldurrez… horrela lan egitea oso gaitza da. Ezinbestekoa da burua hotz edukitzea. Ez dira asko zurea bezalako kazetaritza lana egiten duten emakumeak. Badirudi gaur egun ere hedabideek ez dutela konfiantza handirik emakume kazetariengan. Nahiago dute emakumearen irudia aurkeztu eremu bortitz batean dagoen figura babesgabe edo zaurgarri bezala. Ikusle gehiago lortu edo ale gehiago saltzeko trepeta baino ez da. Birzeiteko (Zisjordania) Unibertsitateko Emakumearen Institutuak egindako ikerketaren arabera, Palestinan sexu erasoen ugaltzea estuki lotuta dago Israelek biolentzia handitzearekin eta okupazio politikekin. Hala da, 2014ko gerraren ostean emakumeen aurkako biolentzia kasuek gora egin zuten, eta gaur egun izugarri handia da horien kopurua. Badira emakumea isilarazten duten familiak edo beren alabak oso gazte ezkonarazten dituztenak. Gazako Zerrenda isolatuta dago, blokeatuta. Zisjordanian ez bezala, Gazara ez da atzerriko pertsonen sartu-irtenik ematen, ezta diasporatik bueltan datozen palestinarrak ere. Gainera, Gaza da munduan langabezia tasarik handiena duen herrialdea, Munduko Bankuaren arabera. Beraz, frustrazio hori nola bideratzen dute gizon askok? Bere emaztea edo seme-alaben aurkako biolentziaren bitartez. Gazako emakumeek bereak eta bi egiten dituzte oso baliabide urriekin beren familia aurrera ateratzeko. Gizonezkoak, aldiz, kafetegian eserita topatuko dituzu shishari zurrupaka. Botere guneak emakumeen esku baleude, egoerak hobera egingo luke nabarmen. Adibidez, Palestina gaur egun politikoki zatituta dago eta Gazako emakumeak dira astero Kontseilu Legegilearen aurrean mobilizatzen direnak Palestinako indar politikoen batasunaren alde. Feminismoa mundu islamiarrean. Ezezagun hori. Patriarkatu islamiarraren narratibari aurre egiteko Koranaren bestelako irakurketa berriak erabiltzen dituzte feminista islamiarrek. Baina jakina, patriarkatuak ere bere kartak baliatzen ditu. Esaterako, seme bakarra eta bi alaba dituen familietan, oso ohikoa da esfortzu ekonomikoak semearen formakuntzara bideratzea, alabena alboratuz. Liburu baten interpretazioetan oinarritutako patriarkatua borrokatzeko, ezagutza da giltza. Herriaren opioa futbola bada, zer da erlijioa? Erlijioa pertsona askorentzat opioa izan daiteke, baina erlijioaren irakurketa okerrengatik da. Nire bizitzan ez dut erlijiorik jarraitzen, baina erlijioa dutenek ikasi eta ondo aztertu beharko lukete, beste inoren interpretazioen menpe egon gabe. Hartara, Gazan eta mundu islamiarrean orohar, emakumeen ahalduntze handiagoa gertatuko litzateke. Beloa ezinbestean jantzi beharrekoa dela uste duten neska gazteak ezagutu ditut. Zergatiaz galdetuta, beren erantzuna da aitak, patriarkak edo familiaren mokhtarrak esandakoa mimetikoki errepikatzea. Neska horiek irakurri, hezi eta ideiak partekatzeko aukera izango balute, egoera oso bestelakoa izango litzateke. Azken batean, heziketa falta kontrolerako tresna da. Non hasten da politika eta non amaitu erlijioa? Anaia Musulmanentzat gauza bera dira. Hamasek bere egin zituen Anaia Musulmanen sinesmenak eta nagusikeria handiz erabiltzen ditu. Egia bakarra berea dela uste dute, berauena egiazko Islama. Ez dago eztabaidatzeko aukerarik. Nagusikeriaz jokatzen dute beren ildoa jarraitzen ez duten musulmanekin eta emakumeekin. Hamas boterera heldu zen horretarako prest egon gabe. Beren elkarrizketak eta prentsaurrekoak ikusiz gero jabetuko zara errealitateaz ematen duten bertsioa oso ahula eta erdipurdikoa dela. Hamasen sortzaileetatik bakarra dago bizirik, Mahmod az-Zahar, honezkero oso heldua da. Eta Ismail Haniyeh bezalako gazteen interesa 'poltronari' eustea da, Gazako Zerrendaren egoera hobetzea baino. Politikeria da, munduko gainerako txokoetan gertatzen den modukoa. Fakzio politiko palestinarrak konponbidearen ala arazoaren parte dira? Fakzioak ez dira arazoa, horiek osatzen dituzten pertsonak dira problema. Zonaldea kontrolatu eta indarra irabazi nahi duten estatuen txotxongilo bilakatu dira fakzioak. Israelek ere jarrera aktiboa du indar palestinarren arteko ezinikusia sustatzeko. Adibidez, 2014ko gerra abiatu zuten Fatah eta Hamasen artean adostasuna lortu eta bi hilabetera. Alegia, kasta ez dela Madrilen deskubritu duten zerbait. Ez, dinosaurio asko dago Palestinan ere bai. Eserlekuetan garbiketa sakona egin behar da. Palestinar asko dago politikoki frustratuta, bere burua ordezkatuta ikusten ez duena indar politikoetan. Ezkerrekoak dira, baina ez dakite nondik jo. Herrialde ia guztietan gertatzen den gisan, hemen ere ordezkaritza gabezia dago. Borroka armatua gaur egun bake negoziazioak bezain alferrikakoa da. Emadazu zure iritzia Palestinako gatazka konpontzeko balizko hiru bideri buruz. Aurrena, borroka armatua. Gazara sartu nintzenean uste nuen borroka armatuak Israelgo erasoak ez ugaltzeko baliagarria zela, disuasio-neurri gisa. Baina egun ez dut uste horretarako ere eraginkorra denik, Israelgo gaitasun militarra ikaragarria delako. Borroka armatua gaur egun bake negoziazioak bezain alferrikakoa da. Bake negoziazioak Israelentzat baino ez dira errentagarriak kolonien luzamendua lortzeko, zigorgabetasuna egonkortzeko eta nazioarteko komunitatearen aurrean bere burua zonaldeko indar demokratiko bakartzat aurkezteko. Bigarrenik, nazioarteko bide diplomatikoa. Oso engainagarria da. Egun inork ez du horretan sinisten, ezta Fatahko jendeak ere. Bi estatuen konponbiderik ez da honezkero. Ezinezkoa da. Halaber, ez da bideragarria Zisjordaniako palestinarrek Jordaniarekin batera estatu bat sortzea edo Gazako palestinarrak Egiptoko Estatura batzea. Ez da logikoa. Hirugarrenik, estatu bakar baten sorrera egungo Palestinak eta Israelek osatzen duten lurraldean. Agian hori izan liteke konponbidea. Ez dakit nola hel gintezkeen hara, baina oso argi daukat nondik hasi beharko litzatekeen: Okupazioa, Gazaren aurkako blokeoa eta arrazakeria ezabatzea. Apartheid sistema errotik erauzi behar da eta gorrotoari aurre egin herritarrak elkarbitzean heziz. Agian, egunen baten indartuko da okupazioaren aurkako Israelgo gizarte mugimendua –palestinarrei itzultzeko eskubidea ere aitortzen diena– eta estatu demokratiko eta laiko batean bizi ahal izango dugu denok.
news
argia-ba29b3b25e9c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/europak-errefuxiatuak-traizionatu-ditu.html
Europak errefuxiatuak traizionatu ditu
Juan Mari Arregi
2017-01-22
Europak errefuxiatuak traizionatu ditu Tenperatura baxuek eta Europa estali duen elurrak berriz azaleratu dute euren herrialdeetako gerra eta gosetik ihesi mundu berri baten bila datozen errefuxiatuen arazoa. Horrek guztiak garamatza salatzera Europar Batasuneko politiken porrota. EBk 2015eko irailean hartutako konpromisoak ez ditu bete. Italia eta Grezian blokeaturiko 160.000 errefuxiatu Batasuneko beste estatuetan birkokatzea adostu zuten. Porrota erabatekoa izan da. Adibidez, Espainiako Estatuak 17.737 errefuxiatu hartu behar zituen, baina 898 besterik ez ditu hartu oraindik. Eta ardura ez da soilik PPren Gobernuarena: zer egiten dute oposizioko gainerako alderdiek eta zer egiten dugu guk, herritarrok? Halako frakaso eta hutsegitearen aurrean, Euskal Herriko zenbait mugimendu eta jende elkartasun adibide izan dira, konponbide zehatzak praktikara eraman nahian. Euren bizitza arriskuan jarri dute Mikel Zuluagak eta Bego Huartek, euren furgonetan ezkutaturik Greziatik ateratzen saiatu direnean zortzi errefuxiatu; haientzako lana eta bizitokia aurkitua zuten Euskal Herrian. Miseria sortu, gerrak elikatu eta euren legea inposatzen dutenek atxilotu egin zituzten baina, "immigrazio ilegala sustatu eta errefuxiatuen segurtasuna arriskuan jartzea" egotzita. Hori da zinismoa eta lotsagabekeria! Hori traizioa politikari, diplomatiko eta EBko estatuena! Eta zer etsenplua herritarrek eman dutena, Mikel eta Begok ordezkatuta. Atxilotuak izan arren, desobedientzia zibilarekin koherente izan eta berriz egingo dutela aldarrikatu dute, halako ekintzek "gizatiar egiten" gaituztela esanez. Gizatasun eta ardura hori da, preseski, politikari eta gobernuei falta zaiena; eta neurri batean baita guri ere, halako egoerak ez eragozteagatik.
news
argia-a20f3bc041cb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/zigorra-kartzelatik-gimnasiora.html
Zigorra, kartzelatik gimnasiora
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-01-22
Zigorra, kartzelatik gimnasiora Londres, 1818. Sir William Cubitt britainiar ingeniariak aparatu bat asmatu zuen, eskailera zirkular jarrai moduko bat, presoak lekualdatu gabe ibili eta ibili zitezen. Cubitt beste hainbat lanengatik egin zen ezagun, garaiko ingeniaritza obra nagusietan parte hartu baitzuen. Horri esker lortu zuen sir titulua eta Ingeniari Zibilen Institutuko presidente izatea, besteak beste. Kanalak, dikeak, trenbideak... eraikitzen lagundu zuen eta Londresko Hyde Parkeko Crystal Palace ezagunaren eraikuntzan bera izan zen ingeniari buru. Kartzelarako asmatutako gailu hark espero baino bide luzeagoa egin zuen, gaur egun gimnasioetan dauden makina askoren aitzindari izan baitzen. Tramankulua Brixtongo kartzelan probatu zuten lehenengoz. Dozenaka preso horzdun arrabol erraldoira igotzen ziren batera eta, hankei eraginez, zilindroa biratzen hasi eta sistema martxan jartzen zen. Ingelesez treadmill edo ibiltzeko errota deitu zioten Cubitten asmakizunari. Eta gaur egun ere berdin esaten diete gimnasiotan egon ohi diren oinez edo lasterka ibiltzeko zintei. Jakina, gailuan ibiltzea ez zen hautazkoa presoentzat, zigorraren parte baizik. Iturrien arabera, presoen makinan pasatzen zuten denbora ez zen finkoa, baina hamar orduko jardunaldi luzeen berri eman izan du zenbaitek. Lansaio horietan bost kilometro egitera iristen omen ziren (eta ez paseo lasaian, eskailerak igotzen baizik!). Sir William Cubitt (1785-1861) Presoak hamsterrak bailiran gurpilari bueltaka aritzea eraginkorra zen. Tokitik mugitu gabe, kondenatuak nekatu eta otzantzea lortzen zuen arrabolak. Baina berehala konturatu ziren, presoak punitzeaz gain, bazegoela beste probetxu bat ateratzea errota hari. Ura batetik bestera mugitzeko edo alea ehotzeko erabiltzen hasi ziren, esaterako. Presoak esklabo erabiltzea, lanean jartzea eta haien jardunari etekina ateratzea aspaldiko kontua da, ez zuen Cubittek asmatu. Antzinaroan noriei eragitera edo galeretan arraunean aritzera behartzen zituzten, Erdi Aroan, katedralak eraikitzeko adibidez, poleei tiratu eta harriak jasotzera kondenatzen zituzten... Eta orain, beste esklabotza mota batek bultzatzen ditu "kondenatuak" tramankulu horietan igotzera. Zigorra diruz ordaintzen dute, gainera.
news
argia-907b6c7faf26
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/argiaeus.html
Historiako emaitzarik onenen urtean, Jaurlaritzak laguntza jaitsi dio ARGIA.eus-i
ARGIA
2017-01-22
Historiako emaitzarik onenen urtean, Jaurlaritzak laguntza jaitsi dio ARGIA.eus-i Interneten euskara sustatzeko egiten dugun lanagatik 17.444 euro ematea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Lau urtean erdira jaitsi du herri ekimenetik sortutako eta funtzio publikoa betetzen duen proiektu honi eusteko egiten duen ekarpena Interneten. Gainera, hiru urtetarako izoztu du kopurua. Diru-laguntzen deialdiko aurtengo berrikuntza hori baita, Jaurlaritzak hiru urtetarako finkatu dituela zifrak. Aldiz, 2016an inoizko daturik onenak izan ditugu Interneten. Bai Argia.eus webgunean, baita sare sozialetan ere. Eusko Jaurlaritzak ARGIA.eus proiektuari ematen dion diru-laguntza, azken urteetako baxuena izango da, lau urtean erdira jaitsiz, grafiko nagusian ikus daitekeenez. Are mingarriagoa da Eusko Jaurlaritzaren ebazpena, Euskal Herriko beste hedabide batzuei euskararen alorrean eman dizkien diru-laguntzekin konparatzen badugu. Euskarazko diru laguntzetatik ARGIA.eus-i 17.444 euro eta Vocentori 176.600 euro emango baitizkio. Azpian ikus daitezke Eusko Jaurlaritzak Interneten euskararen partidatik ematen dituen diru laguntzetako batzuk. Interneten euskara sustatzeko partidatik Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntza batzuk. Webguneak euskara hutsean egiten ditugun hedabideok baino diru gehiago jasotzen dute euskarazko diru-laguntzetatik egunean albiste batzuk euskaraz egin arren, nagusiki gaztelaniaz diren bik, besteak beste. Kuantitatiboki bakarrik ez dago albisteetan aldea, kualitatiboki ere, nagusiki gazteleraz diren hedabideek euskaraz ematen dituzten albisteak oso urrun daude gai "garrantzitsuenak" izatetik. Hau al da Txantxangorriaren euskara politika? Konparazio bat egitera, El Diario Vasco eta El Correo ri 86.600 eta 87.000 euro eman dizkiete hurrenez hurren. El Diario Vasco k egunean hiru albiste sareratu ditu abenduan euskaraz bataz beste, " Zabalik " azpi atalean; El Correo k lau-bost " Zurekin " azpi-atalean. Zein irizpiderekin justifikatzen da diru publikoa banatzerakoan egiten den politika hau? Nola ulertu behar da arpa-jotzea dela ez sentitzeko? Honi gehitu behar zaio, instituzio publikoetatik hedabideetan jartzen den publizitatea. 2013. urtean, Iñigo Urkullu buru duen Gobernuak 5.649.112 euro gastatu zituen publizitatean eta diru horren %98 gaztelaniazko hedabideetan jarri zuen, eta %2 euskarazkoetan, Hekimen elkarteak eskatuta Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera. Publizitatea ere bada hizkuntz politika, eta oso eraginkorra gainera. Komunitateari esker sareko apostuarekin jarraituko dugu ARGIAn, gu baino diru gehiago jasotzen duten hedabide batzuek ez bezala, eduki guztiak euskaraz sortzen ditugu, dena sarean doan kontsultagai jarriz. Gure edukiek ez dute ez klik mugarik ez giltzarraporik, eta egunero sortzen dugun materiala Creative Commons lizentzia librearekin zabaltzen dugu, edonork erabiltzeko moduan iturria aipatuz gero. Gure lana euskal komunitatearena da literalki. Sinesten dugu Interneten, kazetari bezala ematen dizkigun aukerengatik, eta baita euskaldun bezala egin dezakegunagatik ere. Euskaraz bizi nahi dugunok Interneten leku duina merezi dugu, eta ARGIAn buru belarri jarraitzeko asmoa dugu horretan. Bidezkoa ez ezik, zentzukoa da denon dirua kudeatzen dutenei maila bereko apostu politikoa eskatzea. Edukien interesgarritasuna aztertzen badugu, eta euskaldunok sarean partekatzen ditugun edukiei buruz UMAP tresnan oinarritutako ikerketa aintzat hartuta, harrotasunez esan dezakegu ARGIA dela bigarren partekatuena, eta URL bakoitzeko txio gehien dituena, "interes ratio" altuenarekin. Eusko Jaurlaritzak Interneten ematen dituen diru-laguntzak banatzeko irizpideetan ez da horrelako aldagairik kontutan hartzen. Guk informazioa zabaltzeko herritarren kontsumo logikari jarraitzea hobesten dugu, kontsumo ohitura horietan sare sozialek pisu handia dute eta sare sozialetan ARGIAren erreferentzialtasuna indartzea hobesten dugu, klikak etengabe ARGIA.eus-era birbidali beharrean. Horrek dakar Jaurlaritzak gure irismena dena baino txikiago kontatzea. Hala ere, bide honetan jarraituko dugu, errealitatea euskalduntzeko eraginkortasuna eta ahalik gehien iristea direlako gure helburuak, Jaurlaritzaren neurgailuetara egokitzea baino. 2016ko datuak Interneten ARGIAri interneteko diru-laguntza murriztea eta hiru urtetarako izoztea ez dator bat Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak banatzeko orduan kontutan hartzen omen dituen irizpideekin. ARGIA Google Analyticsen arabera, bisita kopuruetan eta orri zerbitzatuetan hazten doa, bi urtean %30 egin dute gora bisitek 1.423.976 kopurura helduz, eta orri zerbitzatuek %20,22 egin dute gora, 2016an 2.802.015 orri zerbitzaturekin. Honi sare sozialetako trafikoa gehitu behar zaio: Twitter, Youtube eta kontu pertsonalak albo batera utziz, Facebooken bataz beste, egunean 18.257 pertsonako komunitate bat osatu dugu 2016an. Aurreko urtean (12.362) baino %47,7 gehiago. Gurea bezalako hedabide txiki batentzat datu hauek izugarriak badira, are pozgarriago dira egun zehatz batzuetan lortu ditugun emaitzak. 2016ko urtarrilaren 10ean, euskal preso politikoen giza eskubideen aldeko manifestazioaren eguneko jarraipena, argazki eta bideoak batez ere, 161.000 lagunengana iritsi ziren Facebooken. Irismenari hainbeste garrantzi ematekotan, ez dugu ulertzen datu hauek nola ez diren baloratzen. 2016a izan da ARGIA bere historian jende gehienarengana iritsi den urtea, bai aldizkariaren, bai webgunearen, baita sare sozialen bidez ere. Hedabideon funtzio aitortu gabea Gainontzeko euskal hedabideak bezala, honetan ari gara gu ere: Hiztun komunitatearen behar bati erantzuten, hizkuntzari prestigioa ematen, informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzen, kultura sortzen eta sustatzen, hizkuntza bera berritzen... Sarean beste hiru funtzio nagusi ere betetzen ditugu, aipatutakoez gain. Batetik, etengabe sortzen goazen altxorra bildu eta denentzat eskuragarri jartzea : horren adibide, esaterako, Euskal Herriko multimedia biltoki zabalena osatzen ari garela argia.eus-en, non ia 2.000 lan dauden gordeta . Bigarrenik, euskarazko komunitatea elikatzea: horren adibide da argia.eus-en kazetariok sortzen dugun edukia eta blog komunitate aktibo eta interesgarriko kideek sortzen dutena. Eta hirugarrenik, Euskal Herriaren berri bitartekaririk gabe nazioartean zabaltzea: horren adibide da bi astetik behin berritzen dugun Argia English kanala edo orain bi urte Korrikari eta euskarari buruzko erreportaje bat 40 hizkuntzatara itzuli eta zabaldu izana parekorik ez duen auzolan erraldoian... Eusko Jaurlaritza ARGIAren webgunearen garapena oztopatzen ari da urtean 17.444 euro bakarrik emanda eta aldi berean lehiakortasunean eragiten du euskaraz ez diren beste hedabide batzuek euskarazko diru laguntzez eta publizitate saldoz ornitu behar baditu hurrengo hiru urteetan. Uste dugu diru-laguntzen ebazpen hau ez dela justua. Hekimen euskal hedabideen elkarteak hasieratik salatu zuen sektorearekin adostu gabe aldatu dituela Jaurlaritzak diru-laguntzak emateko irizpideak eta horietan oinarritu dituela hedabide bakoitzari eman beharreko kopuruak. Hekimenek azaldu du datozen urteetarako laguntzak horrela banatzeak proiektu berriak sortzeari "ateak ixten" dizkiola euskal hedabideen sektorean. Ez dugu instituzioetatik sortutako lehia artifizialik nahi hedabide lokal eta nazionalen artean. Hizkuntzaren normalizazioan eragiteko, argi dago: hedabide lokalak eta nazionalak dira beharrezkoak, eta erakunde publikoetatik hauetara bideratzen den diru poltsa handitu beharra dago. Ez dago dudarik, euskarazko hedabideok gehiago jaso behar dugu. Guzti honen aurrean, ebazpen injustu hau salatu eta komunitateari honen berri eman nahi genion. Txikitik eragiten jarraitzeko asmoz, proiektu hau sostengatzen dutenei esker berezia eman nahi die lantaldeak. Proiektua denon artean eusten dugu, eta diru laguntzak txikituz gero, proiektua bideragarri egiteko egin beharreko orekek denoi eragiten digute. ARGIA proiektu gisa eusten dugun guztiok jaso dugu murrizketa.   Indartu dezagun indartzen gaituena Horregatik, ARGIA estimatzen baduzu eta oraindik ez baduzu pausoa eman, une aproposa da ARGIAkoa egiteko . Elkartasunaren ideia praktikatzen dugu: zuk ahal duzuna jarri eta egoki ikusten duzuna jaso. Zenbat eta kide gehiago izan orduan eta ahalmen handiagoa izango dugu komunitate gisa. Tresna hauek mantendu eta garatu ahal izateko. Zenbat eta gehiago izan, txikitik eragiten jarraitzeko indar handiagoa izango dugu denok.
news
argia-870b07303ba5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/nondik-jo-presoen-aldeko-lanarekin.html
Nondik jo presoen aldeko lanarekin?
Lander Arbelaitz Mitxelena
2017-01-22
Nondik jo presoen aldeko lanarekin? Beste urte batez milaka lagun bildu dira Bilbon euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatuz. 349 euskal herritar dauzkate Espainiako eta Frantziako espetxeetan gatibu ETAk borroka armatua amaitu zuenetik bost urtera; ehunka iheslari eta deportatuk ere etxera itzuli ezinik jarraitzen dute. Nola askatu korapiloa? Kartzela oso gertutik bizi duten hainbat lagunekin mintzatu gara. Gaia usteltzen ez uzteko gogoa badago. "Estatuari eskatzen diot dispertsioa amaitu eta legalitatea bete dezala". ETAren biktima Rosa Roderoren hitzak polbora bezala zabaldu dira. Ebrotik behera eta Aturritik gora zabaldutako eskema sinpleak hausten ditu. Bigarren urtez jarraian, biktimen izenean euskal presoen giza eskubideak ez urratzeko eskatu du. Biktima gehiagok berak bezala pentsatzen duela dio, nahiz eta bera izan publikoki adierazten duena. "Manifestazioaren arrakastak aurrera jarraitzera behartzen gaitu", dio Sareko eledun Joseba Azkarragak. "Jende asko dago Saren, ideologia politiko konkretuen gainetik, giza eskubideak, bakea eta gatazkaren konponbidea defendatzen", dio. Dispertsioaren aurkako aldarria zabaltzen doala uste du. Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde, euskal presoak Euskal Herrira pankarta eramateko lotu dituzte: abokatuak, GALen eta ETAren biktima bana, preso gaixoen senideak, preso ohiak eta kulturgileak. Manifestazioa babestu dute EH Bildu osatzen duten alderdiek, eta ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuek. Ez babestea erabaki arren, EAJ, Podemos eta PSEk publikoki adierazi dute euskal presoak Euskal Herriratzea defendatzen dutela. Ahal Duguko idazkari nagusi Nagua Alba Bilbon izan da bere izenean, eta Podemoseko politika idazkari Iñigo Errejonek publikoki dei egin du manifestaziora joateko, atxikimendu esanguratsu batzuk aipatzearren. Todos los derechos para todas las personas. Ya no hay excusas. Bilboko kaleak betetzera. Nik #SalatzenDut ☝🏻️ — Íñigo Errejón (@ierrejon) 2017(e)ko urtarrilak 14 Senide eta lagunen jarrera irmoa "Duela 28 urtetik sakabanatuta dauden euskal preso politikoen familiarteko eta lagunak gara. Ez dugu guk erabaki horrela izatea; soilik horrela gara. Gure ahaideak atxilotu eta espetxeratu dituztenean, haiek ez abandonatzea erabaki dugu. Erakundeetan, eragile politiko, sozial eta sindikaletan konpromisoa eta ardura bilatzen dugu", dio Etxerat elkarteko Naike Diezek. Santoñan El Duesoko espetxean preso duten aita bisitatzen duen aldiro Diezek 334 kilometro egin behar ditu. Etxerati buruz galdetuta, batzar nazionaletan 500 lagun inguru batu ohi direla kontatu digu, eta egun, elkartea batuta ikusten duela, eztabaidak izan arren. Elkarteko kide gehienak adinean gora doazela ere nabari dute, horrek dakarren guztiarekin. Alderdi eta sindikatuekin biltzean, aldaketa ikusi dutela dio Diezek. "Orain arte ezker abertzaleko txiringito bat bezala ikusten zuten, eta hori aldatzen ari da. Bere bide propioa egiten duen eragilea gara". Azken errondan, alderdi eta sindikatu guztiekin bildu dira PP, UPN, PSN eta UGT Nafarroa salbu. "Hau amaitzeko gogoa badagoela ikusi dugu. Gero zer egingo duten, ez dakigu, baina hori adierazi digute eragileek. Ea hala den". "Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du onartzen dispertsioaren ondorioz istripuz hildako 16 pertsonen biktima izaera". (Dani Blanco) Etxerat Bruselan izan da europarlamentariei gaixo diren presoen egoera azalduz. 22 preso larri daudela eta Frantziak eta Espainiak euren legea hausten dutela salatu dute. Preso ohien itxialdia Usurbilen Sareren manifestazioa hilabeteko beroketaren ostean heldu da. Abenduaren 10ean hasita, Kalera Kalera dinamikan itxialdia egin dute ehunka preso ohik txandaka Usurbilen. Ezkerretik eskuinera, Antton Lopez, Alberto Matxain eta Oihana Garmendia. Hirurak preso-ohiak eta Kalera Kalera dinamikan buru-belarri ibilitakoak. (Dani Blanco) "Giro polita izan dugu, nolabait esateko patioko giroa berreskuratu dugula esango nuke", dio Oihana Garmendia santurtziarrak. 2015eko abenduan askatu zuten 6 urte kartzelan egin ostean. "Grina pizten du, hainbeste preso ohi, 40-30 urteren ostean, barruan geratu diren lagunak ateratzeko lanean jarraitzen dugula ikusteak". Pertsona batzuek gau batez egin dute lo Usurbilgo plazan jarritako karpako literetan, beste batzuek bost gauez, batzuek bi astez eta bada ia hilabete osoa bertan eman duenik ere. Jasan duten hotzak eta asko gaixotu izanak ez du makurrarazi beren animoa. Dinamikaren azken egunean, 1000 preso eta iheslari ohi batu ziren Usurbilen. (Kalera Kalera) Antton Lopez elorriarrak 26 urte egin ditu espetxean, eta 2013an atera zen Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot Doktrina bertan behera utzi zuenean. Bera ere Kalera Kalera dinamikan buru belarri ibili da. Bi helburu jarri zituztela dio Lopezek: lehena, txinparta sortzea ezker abertzaleko oinarrietan eragiteko eta mobilizazioen dinamika abiatzeko. Presoen egoera sozializatzeko herriz herri antolatu diren hitzaldi, kontzentrazio, giza-kate eta beste ekimenak ikusita, lortu dutela uste du. Ernai eta Aitzinako kideak testuinguru horretan kateatu ziren Madrilgo Espetxe Zuzendaritzaren egoitzan, eta Parisen Justizia Jauregian, hurrenez hurren. "Nire ondorioa da, mobilizatzeko esparruak eskainiz gero jendeak erantzun egiten duela". Bigarren helburua presoen gaia gizartearekin konektatzea da. Alde honetatik ere pozik dira, Usurbildik pasa den eragile kopurua eta egin dituzten harremanak ikusita. Hala ere, gaia sozializatzen ikusten du Lopezek aurrera begirako lan nagusia. Hala ere, Kalera Kalera ez da eragile bat, eta Sortuk hartuko du bere gain ildo hau, Zohardia txostenak jasotzen duenez. EPPK aukera berriak irekitzeko prest? Aurrez aipatutakoaz gain, Kalera Kalera dinamikarekin, preso ohiek babes politikoa adierazi nahi izan diete eztabaida prozesua ireki duten presoei. "Kartzelak husteko helburuarekin", espetxez espetxe eztabaidatuko duten zirriborroa aurkeztu du EPPK -ko zuzendaritzak, preso bakoitzari bide juridiko berriak erabiltzeko aukera irekiz. "Norberak erabakiko du ildo juridikoak eskaintzen dituen aukera horiei heldu ala ez —erredentzioak, kartzela destinuak, graduen aldaketa, baimenak, Euskal Herrira hurbiltzea, baldintzapeko askatasuna, eta abar—, eta, horretan, ildoa kolektiboki onartu denez, taldearen babesa eta laguntza izango du une oro. Hori izan behar da funtzionamendu berriaren izpiritua", dio dokumentuak. Dispertsioaren mapa, 2016ko abenduaren 31n eguneratuta. "Batu, herriratu, kaleratu", ideiak nabarmendu dituzte. "Ildo horretan egindako urrats oro ontzat emango luke EPPK-k, betiere kidegoaren adostasun eta elkartasunez, eremu herritarren laguntasunez". 2015eko ekainean ARGIAri emandako elkarrizketan jakinarazitako marra gorriei eutsiko die Kolektiboak : damua eta salaketa. Eztabaidak hilabete batzuk hartuko ditu. Ez balitz onartuko txostena, egindako ekarpenekin beste bat idatziko dute, eta onartuko balitz, presoen eskaerak berehala hastea aurreikus daiteke, Espainiako Auzitegi Gorenean tipologia berriko auzibideak irekiz eta esparru juridikoan kontraesanak sortzea bilatuz.   "Irrikaz helduko diogu eztabaidari" " Inpasse politiko batetik gatoz eta asko dugu egiteko eta esateko. Hiru urte hauetan ez dugu gaitasun kolektiborik izan egoera politikora egokitzeko". Egoeraren analisiak, autokritikak, proposamen berriak eta eztabaida prozesuak militante politikoentzat ezinbesteko elikagaiak direla dio Iurdan Martitegi durangarrak. Kartzelatik erantzun die ARGIAren galderei, argi utziz ez dela inoren izenean ari, soilik bere burua ordezkatzen duela. Martitegi 2009ko apirilaren 18an atxilotu zuten, Ipar Katalunian ETAko buru militarra izatea eta hainbat atentatu egitea egozten dizkiote. Moulins-Yzeuren daukate preso, jaioterritik 770 kilometrotara . "Eztabaidaren berpiztearekin animoak ere piztu zaizkigu nolabait, hainbeste deserturen erdian", dio. Iurdan Martitegi, kartzelan ateratako argazki batean. – Zer espero duzu estatuengandik? – Egun, bi estatuengandik ez dut ezer onik espero, ez bada eztabaida oztopatzeko trabak ugaltzea. Estatuei ez zaie Kolektibo bizi, saretu eta proposatzaile bat interesatzen eta adibide bezala har ditzakegu orain hiru urteko gure kaleko bitartekarien eta abokatuen atxiloketak eta espetxeratzeak. Proposamenik ez dutenez, horretan temati segituko dute. – Nola ikusten duzu gaia hurrengo urteetan, epe laburrean? – Nahiko nuke gatazka armatuaren ondorioak ezker abertzalearen ardura izatetik Euskal Herriaren ardura izatera pasatzea. Egungo errealitateak eskatzen duen mailako alderdi politiko batzuk ikusi nahi nituzke, ofentsiban, interes alderdikoietatik harago, jendartearen gehiengoaren eskaria den gatazkaren ondorioetan lokatzetan, Herri ikuspegiz estatuen blokeoarekin konfrontazioan. Nahiko nuke gatazkaren ondorioen inguruko adostasunak, aliantzak eta batasuna izatea, prozesu independentista baten hastapenerako tresna. Estatuekin kateak apurtu eta Herri adostasunetik, aldebakarreko prozesuaren irteera gune bilakatzea. Amnistia helburu? Urtarrilaren 14ko ilunabarrean, Sarek deitutako manifestazio jendetsua amaitu ostean, Bilboko Alde Zaharrean beste manifestazio bat atera da laugarren urtez, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deituta. Ehunka lagun batu dira Amnistia Osoa lelopean. Amaieran irakurritako idatzian, iraganean Euskal Herrian amnistiaren alde egindako borroka goraipatu dute, balorean jarriz errepresaliatuen izaera politikoa nabarmentzen zela hor. 'Amnistia osoa' lelopean egindako manifestazioa. (Argazkia: AAM) "Azken urteetan, ordea, urtarrileko manifestazioak eduki politikoa galtzen joan dira presoak soilik ikuspegi humanitariotik defendatzera helduz, eta iheslari eta deportatuak albo batean utziz". Mugimendua presoen egoera indibidualak hobetzearen alde dagoela adierazi dute, "beti ere, ez bada arreta azken helburutik okertzeko edo konponbide integral bateko bidetik ateratzeko baliatzen: azken helburua amnistia da". Beren ustez, errepresaliatu politikoen gaia "soilik giza eskubideen alorrean geratzen bada, modu aseptiko eta testuinguru politiko batetik kanpo, etorkizun hurbil batean herri honen gehiengoak hurbiltzea edo preso gaixoen askatasuna defendatuko du, baina aldi berean defendatuko dute presoek egin zituzten delituengatik ordaintzea, nahiz eta izan kartzela politika flexible eta humanoago baten barnean". EPPK-k eztabaida txostena publiko egin berritan (eta txosten honek izenik aipatu gabe batzuei "presoen egoera baliatzea" leporatu ostean), ETAko kide ohi Jon Iurrebasok iritzi artikulua argitaratu zuen hainbat hedabidetan, orokorrean, presoen bakarkako erabakiek ezberdintasunak sortuko dituela salatuz eta ezker abertzalearen ildo ofiziala kritikatuz. Kalera Kalera n ibilitako Antton Lopezek uste du sakonean proiektu politiko ezberdina defendatzen dutela. "Presoen auzia bakarrik balitz, hiru sesiotan konponduko genuke. Kontua beste gauza bat da, ordea, politikoa". "Tristuraz bizi dugun gaia da ATArena, bai", dio Iurdan Martitegik espetxetik. "Sakoneko ezberdintasunak estrategia politikoaren aldaketan ematen direla uste dudan neurrian, gustatuko litzaidake feminismoak bere baitako adar ezberdinak kudeatzeko duen gaitasun berarekin, gure etxeko iritzi ezberdinak zatikatzaile eta kenkari beharrean, indargune eta biderkatzaile izatera pasatzea". Gatazka politikoaren altzoan genero biolentzia "Hemen gaude egun batez Euskal Herriaren independentzia eta gizarte justuago bat helburu, borrokan hasi ginen emakumeak". Horrela hasten da Hemen gaude manifestua , kartzelatik pasatako bost belaunalditako 60 emakume presente zirela abenduko azken egunetan publikoki irakurria Kalera kalera dinamikaren baitan. "Diskurtso komun feminista osatu eta aurrera begira perspektiba bat pausatzea zeregin bat da, orain arte inork eutsi ez diona", dio gaiarekin buru belarri ibili den Olatz Dañobeitiak. Lekeitiar hau sei urtez eduki zuten espetxean. 'Hemen gaude' mainfestu feministaren irakurraldi publikoa. (Argazkia: Kalera Kalera) "Gatazka politiko baten testuinguruan militante politiko gisa erabaki batzuk hartu eta ondorio errepresibo batzuk pairatu ditugu. Hautu horretan egon garen emakumeok, estatuen eta gure mugimenduen partetik bizi izan ditugunak kontatzea izan da helburua". Manifestuan ideia asko ukitzen dituzte: gizonak eta gogortasuna ardatz hartutako militantzia eredua, emakumeak poliziaren eskuetan, zaintza behar eta falta, babes femeninoa, amatasuna, komunikabideen tratua, eta premia eta min pertsonalak, besteak beste. Egun espetxean dauden 52 preso politiko emakumeen askatasuna aldarrikatuz amaitu dute idatzia. Dañobeitiak dio harritu duela ekimenak izan duen harrera onak: "Hala ere, guk urrats bat eman dugu, guretzat garrantzitsua, baina norabide horretan oinez jarraitzea eragile askoren ardura da, euskal gizarte osoarena". Olatz Dañobeitia sei urtez izan zuten espetxean. Iraganaren irakurketa feminista egin beharra aldarrikatzen du. (Dani Blanco) Aurrera begirako gakoak? Aurrera begira garrantzia izan dezaketen gakoei buruz galdetuta, Alberto Matxain iruindarrak argi du. Honek sei urte eta bi hilabete egin zituen espetxean. "Kolektiboaren eztabaida gai zentrala izango da". Antton Lopezen ustez, gakoa da Kolektiboak adierazi duela "erresistentzia fasetik eraikuntza fasera" igaroko direla. Sareko Joseba Azkarragak uste du 2017a urte erabakiorra izango dela euskal presoen eskubideen alorrean. Batetik, urte honetan ETA desarmatu egingo dela ikusten duelako –"estatuen kolaborazioarekin edo gabe"–, eta bestetik, Kolektiboaren eztabaida txostena onartzen bada, Estatuen mezua desarmatuko dutela uste duelako. "Urte erabakiorra da. Aurten ez badugu lortzen desblokeatzea presoen gaia, arriskua dugu berriz ere geratu eta usteltzeko. Bake prozesu usteldu bat, berriz ere biolentzia abiatzeko arriskua duen prozesua da". Giza eskubideen esparruan, alderdi politikoak akordio minimoetara hel daitezela sustatzeko txosten bat idatzi dute sentsibilitate ugaritako juristen iritziak jasoz. Akordioa bilatu eta hau erakundez erakunde defendatzea bilatuko du Sarek. Joseba Azkarraga Sareko eledunaren ustez, 2017a urte gakoa izango da. (Dani Blanco) Iurdan Martitegik ondorengoa dio egoeraz galdetuta: "Faltan somatzen dut Ipar EHko egoera politiko sozialaren hedapena Hego EHan. Eragileen eta jendartearen gehiengoak gatazkaren konponbidearen inguruan egiten duen irakurketa egokiaren adostasuna eta bakoitzak dagokion eremuan erakusten duen konpromisoa". EPPK eta Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren ildoetan "kanpo eta barruko urratsak diskurtso politikoz jantzi eta herri guztietan infanteria lan iraunkorrez zabalduko lukeen antolakunde berri bat beharrezko ikusten dut, espazio publikoak berpiztuz eta aktibatuz". "Herritarren jarrera desobedienteen hutsunea ere nabari dut. Inori itxaron gabe pauso bat aurrera eman eta injustizia oro salatzeko prest dagoen militantzia bizia". 90. hamarkada bukaeran presoekiko solidarioen tresnak, Ernai eta Aitzinako kideen "ekintza-zuzen txalogarriak" edota Grezian atxilotutako bi euskal herritarren elkartasun ekintza aipatu ditu adibide gisa. "Badira borroka tresnak mahai gainean, bada non eragin eta zer salatu, eta bada giharra hori praktikara eramateko. Zeren zain gaude?", galdetzen du. Oihana Garmendiak Kalera Kalera dinamikan eragileekin izandako harremanaren berri eman digu. "Badira urgentziazko gai batzuk: preso gaixoena, sakabanaketa, adinduen egoera... horiek berehala konpondu behar direla ados daude bildu garen eragile guztiak. Planteatu izan dugu Espainiako Estatuak indarrean duen salbuespen legedi hori indarrik gabe utzi behar dugula. 7/2003 legeak ezinezko egiten du legedi arruntean aurrera pausoak ematea, beraz, legediak presoei onartzen dizkien eskubideak aplikatzea. Mendekuzko politika da, gerra garaikoa. Hori amaitu behar da". Ehunka presoren senide eta lagunek milaka herritarren elkartasuna jaso zuten urtarrilaren 14an Bilboko kaleetan. (Dani Blanco) Eusko Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat espetxe eskumenak aldarrikatzea ere defendatzen dute eragileek. Antton Lopezen ustez, ezker abertzalearentzat gakoa da ongi kokatzea zein momentu politiko den hau. "Guk prozesu independentista burutu behar dugu. Eta subjektu determinatzaile hori nola egiten da? Herria eginez. Prozesu demokratiko batean gaude. Horrek esan nahi du kontatu behar dugula gure ideologiarekin bat ez datorren jendearekin, herriarekin bat egin behar dugu estatuarekin konfrontazioa egiteko. Alde horretan parteek ez dute balio, osotasuna behar da. Ideia hori barneratzea oso garrantzitsua da". Horrez gain, ezker abertzaleak kontraesanen esparruan bizitzen ikasi beharko duela uste du. "Ezker abertzale zurrun bat egiten badugu, akatsa izango da". Oihana Garmendiak ere herri prozesua sortzea ikusten du gako. "Heldu da momentua herritarrok hartzeko horren ardura eta lekukoa. Ez alderdi politikoetan, ez gobernuen arteko negoziazioetan... ez, guk dugu giltza". Norabide horretan, bi aldeko negoziazio eskemak ez duela balio argi du. "Euskal gatazka zapalkuntza baten harira sortutako gatazka da, baina beste zapalkuntzekin gurutzatzen da, tartean, emakumeok patriarkatuarekin dugun gatazkarekin. Euskal gatazkaren errelato feminista egin behar dugu lehenik, gerora konponbidearen proposamen feminista egiteko. Ez daukagu egina ez bata ez bestea", dio Olatz Dañobeitiak. Aurrera begira, lan handia dutela egiteko dio. Emakume talde hau ez da eragile bat, ekimen puntuala izan da Kalera Kalera barruan. Hala ere, beste formaren batekin, baina lanean jarraituko dutela diote. Etxerat elkarteko Naike Diezek ikusten du Foro Sozialak hartu duen lanak garrantzia izango duela epe laburrean. Martxorako deitu dituzte ekitaldi bana Donostian eta Hendaian. "Desarmearen eta preso eta iheslarien inguruan zer gauza egin daitezkeen aztertuko dute". EPPK-k hartzen dituen erabakiak-erabaki, Espainiako auzitegietatik hartutako neurrien aurrean Eusko Jaurlaritzak zein jarrera hartuko duen gako iruditzen zaio Diezi. Horrez gain, urtarrilaren 9an Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira heldu da dispertsioaren lehen kasua. Aurkeztuko dituzten ehunka kasutan lehena da Amaia Izko abokatuak jakinarazi duenez. Zikloa ixteko nahia "Kartzelak sinbolizatzen duen monstruosidade horri denari irmo aurre egin izanaren harrotasun apala eta duina daramagu herri gisa gurekin", dio Martitegik espetxetik. "Ondare immaterial hori, ezabaezina da, barruan darama bizi-bizi edozein herri borrokalarik, eta Euskal Herriak nola ez, auto-errekonozimendu hori merezi du, eta merezi du horren gainean jardutea, analizatzea eta gure herri hau zoriontzea". 660 kilometro egin behar dituzte Darocan (Zaragoza) dauden presoak ikustera doazenek. (Lander Arbelaitz) Urteko azken egunean, Zaragozako Daroca espetxean dauzkaten Aitor Olaizola eta Kemen Lertxundi bisitatzera joan diren bi autok topo egin duten espetxeko aparkaleku hotzean . Bi ondarrutar eta bi donostiarrek elkarrekin egin dute bisitaren aurreko ordubetea, eta ateratzean, ia beste horrenbeste behar izan dute elkar agurtzeko. Hormigoizko eraikin erraldoia parean dutela, lagunak berriz ere hor utziko dituztela jakitun, Angela Davisek hilabete batzuk lehenago aldarrikatutako kartzelen abolizioaz hizketan amaitu dute. "Horrenbeste belaunaldi daramatzagu kartzelaren inguruan bueltaka, harritzen nau nola ez dugun oraindik instituzio hau abolitzeko ideia geure egin oraindik", dio batek. Espetxeen aurkako Tattoo Circus topaketetan horixe aldarrikatuko dute Donostiako Firestone lantegi berreskuratuan, martxoaren 31ko asteburuan.
news
argia-5acf2fe3e6d0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/jauzi-egiteko-aukera-araban.html
Jauzi egiteko aukera Araban
Estitxu Ugarte
2017-01-22
Jauzi egiteko aukera Araban Arabarren %20 elebidunak dira baina hiru laurdenarentzat gaztelania da lehen hizkuntza; ikerketa batek berretsi du aukera dagoela errotuta dauden hizkuntz ohiturak aldatzeko eta euskararen erabileran urrats handiak egiteko. Iturria: Aztiker Ikergunea. Infografiaren egilea: Aritz Martinez De Luna. Euskararen erabileran jauzi egiteko aukera dago. Arabarren euskararen ezagutza, erabilera eta iritziak, 2015 ikerketa soziologikoaren ondorio nagusia da herrialdean euskararen erabilera ez dela handitu ezagutza bezainbeste, nahiz eta testuingurua askoz hobea izan. "Arabarren %20 elebidunak baldin bagara ere, hiru laurdenarentzat lehen hizkuntza gaztelania da, oso errotuak ditugu gure hizkuntz ohiturak, eta gure hizkuntz komunitatea gaztelaniazkoa da. Hutsunea hor dago". Aztiker enpresako soziologo den eta aipatu ikerketan parte hartu duen Asier Etxenikek aditzera eman du herrialdea uste duguna baino euskaldunagoa dela, eta dituzten aukerak baliatu behar dituztela arabarrek saltoa emateko. Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuak eta Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak Arabako errealitate soziolinguistikoa eta erakunde publikoen hizkuntza politikei buruzko iritziak aztertzeko eskatu zioten Aztiker soziologia ikerguneari. Arabako 1.175 herritar inkestatu dituzte; horietatik, 389 gasteiztar. Arabarren euskararen ezagutza aztertu dute, hainbat esparru funtzionaletan euskara Iturria: Aztiker Ikergunea. Infografiaren egilea: Aritz Martinez De Luna. erabiltzeko zein aukera dauden eta zein erabilera egiten den, eta orokorrean, euskararen inguruan zein jarrera duten. Ondorio positiboak eta negatiboak islatzen dituzte ikerketa lanaren zenbakiek. Alde positiboan jasotzen da euskararen ezagutzak gora egin duela modu nabarmenean herrialde osoan. Etxenikeren esanetan, "egungo umeen gurasoek euskara badakite, eta hori aldaketa handia da, urte batzuk atzera eginda, Araban eman den aldaketa bat". Erreferenteak, helduaroan Ikerketak jasotzen du elebidun asko euskaltegiei esker direla gaur elebidunak, eta pisu handia dutela helduaroan euskaldundu diren pertsonek. Euskararen erabilera sustatzeko orduan horiek "erreferente" bilakatu behar direla uste du Etxenikek. "Hor indarra egin behar da, Araban asko nabaritzen da euskaltegietan egin den lana, eta inportantea da, esate baterako, lan mundua euskalduntzeko". Halaber, umeentzat eta gazteentzat helduen mundua erreferentzia bat den Iturria: Aztiker Ikergunea. Infografiaren egilea: Aritz Martinez De Luna. heinean, bultzatu behar da adineko arabarren euskalduntzea. "Etorkizuna Araban euskalduna izango dela esaten dugunean, sarritan ahaztu egiten zaizkigu gaur-gaurkoz erdaldunak diren heldu horiek, ezinezkotzat jotzen ditugu, eta konfiantza jartzen dugu etorkizunean, umeak euskaldunduko direlako; joera hori da, baina egia da baita ere helduen munduan eragin behar dugula". Ohiturak apurtu Izan ere, euskararen erabileran oso hankamotz dabiltza arabarrak; elebidun diren hamar lagunetik bi baino ez dira ondo moldatzen bi hizkuntzetan, eta %74,2 gaztelaniaz hobeto moldatzen da euskaraz baino. Hizkuntz ohiturek eta aurreiritziek arabarren kontra jokatzen dute. Etxenikeren esanetan, "erraztasun gehiago dugu erdaraz, eta horrenbestez, erdarara jotzen dugu gehiago, ohitura batzuk apurtu behar dira eta azkenean euskara erabiltzeko gaitasuna handituko da". Iturria: Aztiker Ikergunea. Infografiaren egilea: Aritz Martinez De Luna. Halaber, gaztelania nagusi den ingurune batean bizitzeak elebidunen jokaera baldintzatzen du, zenbait eremutan euskara erabiltzeko aukerak egon arren ez dituztelako baliatzen. "Gure ingurua uste duguna baino euskaldunagoa da, baina horretaz jabetu behar gara euskaldunak, kontzientzia hartu behar dugu eta euskaraz bizitzeko ditugun aukerak baliatu behar ditugu", azpimarratu du Etxenikek. Ikerketaren arabera, elebidunek euskara lehen hizkuntza izateko inoiz baino egokiagoa den testuingurua bizi dute; lankideen artean, esate baterako, oro har erdal giroa nagusitzen da, baina inork edo ia inork euskaraz ez dakitenen lan taldeak gutxiago dira euskaraz dakitenen lan taldeak baino. Desirak Beste alde batetik, ikerketak arabarren etorkizuneko desirak jaso ditu, eta horretan ere aldaketa nabarmentzen da, izan ere gehiengoak nahiago du etorkizuneko gizarte elebidun bat. "Orokorrean –azaldu du Etxenikek– euskararen aldeko jarrera zabaldua dago; kontuan hartuta elebidunak %20 Iturria: Aztiker Ikergunea. Infografiaren egilea: Aritz Martinez De Luna. garela, pisu handia dugu". Dena dela, jarrera positiboa leuntzen da, euskara esparru pertsonalera eramaten denean edo ingelesaren erreferentzia tartean sartzen denean. Orduan, erdaldunen eta elebidunen artean jarrera desberdinak antzematen dira, erdaldun gehienentzat ingelesa euskara ikastea baino baliagarriagoa baita. Azkeneko atalean, Aztikerrek egindako ikerketak elebidunak eta erdaldunak diskriminatuta sentitzen ote diren jaso du txostenean, eta ondorio nagusia da gehienak ez direla inoiz diskriminatuta sentitu. Asier Etxenike soziologoaren aburuz datu esanguratsua da, bereziki euskaldunen ikuspuntutik. "Normalizazio egoera bat dago eta nahiz eta objektiboki horrela ez izan, euskaldun jendea ez da diskriminatuta sentitzen, ez du ikusarazten diskriminazio egoera batzuk badaudela, eta maila horretan euskararen pertzepzioa positiboagoa da, ez da antzematen gatazkarik edo diskriminaziorik".   Artikulu hau Arabako "Alea"k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu.
news
argia-14584c670bfd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/memoriarik-gabeko-teknologia.html
Memoriarik gabeko teknologia
Joxerra Aizpurua
2017-01-22
Memoriarik gabeko teknologia Euskal Herrian azken urteotan garrantzi berezia eman diogu iragandako gerretan desagertutako pertsonen aztarnak bilatzeari. Helburu asko daude ekintza horren atzean, hala nola senideen ezinegona samurtzea, gertatutakoak argitzea eta, jakina, etorkizuneko belaunaldiei gertaeren transmisioa egitea. Gertakizunen ingurukoak memoria kolektiboan txertatu aurretik eta herri horren geroaren parte izan aurretik, egin beharreko hurrengo fasea osatzen du aurkitutako gorpuzkinen azterketak. Hildako gure senideen bilaketarako sistematikaren antzekoa alor askotan gertatzen da, ia automatikoki. Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa ezinezkoa litzateke gertakizun historikoen analisia eta disekzioa egingo ez balitz; beste gauza bat da analisia egiteko era, askotan gaurko prismatik aztertzen hasten baikara, gertaerek testuinguru zehatza izan zutela ahaztuta, batzuetan interesatuki ahaztuta ere. Ongi egindakoak indartzen eta berritzen laguntzen digu memoriak, eta gaizki egindakoak baztertzen. Itsasoari terrenoak ostu izan dizkiogu, eta batzuetan ongi joan zaigu, baina besteetan ez; mendietan zuhaitzak landatu izan ditugu, eta batzuetan ekosistemak indartu baditugu ere, besteetan suteak bultzatu ditugu; joan den mendearen bigarren erdian lantegi pila bat eraiki genituen gure hiri eta herrietan, eta hala eskulana sustatu genuen, baina gure herrietako eta ibaietako kutsadura izugarri handitu genuen; errepideak, mendi pistak eta garraiobideak ugaritu ditugunez, jendearen mugikortasuna erraztu dugu, baina berotegi efektuan eragin nabarmena duen karbono dioxidoaren emisioa neurrigabe hazi da. Ikusten denez, ia denak du bere alderdi ona eta ez hain ona. Horien analisiak etorkizun hobea eraikitzen lagundu behar digu. Memoria etorkizunaren zati den neurrian, etorkizuna geureagoa dela sentitzeko balio digu, eta horrek aurrera eraman beharreko ekintzak baldintzatuko ditu. Memoriarik ezean etorkizuna ezezagunagoa da, eta kanpo faktoreek marrazten dute joko zelaia, adibidez, globalizazioak edo lehiakortasunak. Azken kasuan, iragana, eraitsi beharreko eraikuntza zaharra da, eta teknokraten hitzek pisu handia izaten dute. Horixe da azken joera, nire ustez, munduan barrena indartzen ari dena, baita Euskal Herrian ere. Gurean adibidez, inoiz baino handiagoa da manufaktura-industriaren eta kulturaren arlotik bultzatu nahi den etena. Errazegi jotzen dugu lan faraonikoetara, etorkizun hutsalaren izenean. Agian, memoriak lagunduko digu Pasaiako kanpo portuaren edota Hondarribiko aireportuko pista luzatzearen inguruko ideiei beste irtenbide bat ematen. Agian, memoriak adieraziko die geure seme-alabei zer egin genuen gaizki AHTrekin eta Zubietako errauskailuarekin.
news
argia-22b5330b67f1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/getozka.html
Getozka
Jakoba Errekondo
2017-01-22
Getozka Ikasi berria dut bere izena. Azkue Euskaltzaindiko lehen lehendakaria izan zenak egindako ohar batzuetan aipatzen dituen eta Londresen omen dauden Bonaparte printze eta euskal hizkuntzalari frantsesaren paper batzuetan azaltzen da izen hori. Getozka izeneko landareaz ari naiz, Portulaca oleracea. Ez nuen ezaguna. Jakin-mina galgalka, "ketozkia" eta "ketorkia" ere deitzen dela irakurri dut. Larramendik bere 1745eko hiztegian "ketozkia" izena jasoa du. Bizkaiko flora-katalogo batean "ketorkia" izena ere aipatzen da. Beraz, ez da bart arratsean Mediterraneoa gabarra batean zeharkatu duen etorri berria... Jatorria India eta Persia arteko mundu horretan duela badiote ere, aspaldiko ezaguna da Asiako eta Europako hegoaldeetan. Nik bai ikusi izan dudala Mediterraneoaren ekialdeko azoketan... Ez nekien zertarako erabiltzen zuten: sendagai, jaki, espezia... Orain badakit: denetarako. Entsaladan hosto berde bixi gisa, zopa loditzeko bere muzilagoari esker... Eta osagai bikaina da: ziazerbak ( Spinacea oleracea ) baino antioxidatzaile eta zenbait arrain urdinek baino omega-3 gehiago ditu, eta A, C eta B multzoko bitamina ugari du zenbait mineralekin batera (burdina, magnesioa, kaltzioa...). Ez da urte asko gure baratzeetako "belar txartzat" jotzen dugula. Egia da urteetan ezagutu izan dugula, han-hemen, baina gaur egun zenbait baratzetan ikaragarrizko izurritea da; gero eta gehiago ikusten da; ez landatua, belar inbaditzaile gisa, geuk jarri gabe sortua eta oparo ugaritzen dena. Belar "txarra" alegia. Ez da lurretik asko altxatzen, nahiago du lurraren gainean hedatu. Zorten gorriak eta hosto berdeak, denak mamitsuak dira: pottolo biguin urtsuak. Lurpean dauden haziek 40 urte itxaron dezakete baldintza egokiak etorri eta ernatu arte. Egoskorra da, getozka arraioa. Eta jende askok galdetzen dit nola kendu, nola demontre desagerrarazi. Irakurraldi hauek erakutsi didate zein erantzun eman: jan ezazu. Eta ez, asko gustatuko bazaizu ere, ez dena jan eta akabatu. Utzi beti lur zatitxoren bat beretzat, eta gozatu! Belar txarra, belar ezin hobea!
news
argia-3853a6b75a10
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/artea-horman-gora.html
Artea horman gora
Dabi Piedra
2017-01-22
Artea horman gora SC Gallery arte-galeriak, Bilboko Udalaren laguntzarekin, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako horma-artea ezagutzeko bisitaldi gidatuak egiten ari da, urtarrilaren 28 arte. Bakarra da SC Gallery Bilboko artearen panoraman. "Graffitiaren, street art-aren eta ilustrazioaren eszenako artista garaikideekin lan egiten duen ekimen independentea da gurea", kontatu digu galeriako arduradun Sergiok. Alegia, kaleko arteaz arduratzen den galeria bakarra dira. Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan dauden horma-irudien katalogoa argitaratu berri dute eta salgai dute Gorte kaleko egoitzan.     Larunbat goiz eguzkitsu baina hotz batean, Gorte kalean agertu gara, bisitaldian parte hartzeko prest. Zazpi Kaleak itsasadarraren bestaldean ditugula, betidanik hiriaren hauspo izan den eremuan gaude: antzinako meategien gainean eraikitako kaleetan ibiliko gara, burdina itsasontzietara garraiatzeko zabaldutako bideetan.     Behinolako oparotasuna bukatuta, ordea, bazterkeriaren eta aurreiritzien jomuga bilakatu zen San Frantzisko ingurua. Horregatik, horma-artea bada auzoaren kohesioa eta bizikidetza zabaltzeko bitarteko bat. Maider gidariak azaldu digunez, Udalarekin eta auzokideekin elkarlanean garatutako proiektu bati esker daude hainbeste horma-irudi Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan. Ez dira grafiti inprobisatuak, artista ezagunek egindako lanak baizik.     Gorte kaletik gora, Miribillako parkearen ondoan aurkitu dugu lehenengo artelana, SUSO33k egina. Eraikin bateko horma guztia hartzen du, bost solairu. Hainbat pertsonaren itzalak dira, artistak auzoko jendearen arteko lotura irudikatu nahi duelako. Ondoren, Gorte kalera bueltan, BK Kolektiboaren lan bat ikusi dugu. 2008an margotu zenez, eta harrezkero aire zabalean egon denez, hezetasunak eragindako kalteak nabariak dira. Kaleko artea da hau, aldakorra, iraungitze data duena. Gidariak dioenez, artistek argazkien bidez jaso nahi izaten dute beren obra nola aldatzen den denborarekin.     Hurrengo geldialdia, Zoer eta Velvet frantsesek elkarlanean egindako irudi ikusgarria da, Saralegi plazaren bazter batean. Hain horma altuan artistek lortu duten zehaztasunak harritu gaitu. Diziplina honen alderdirik korapilotsuena da, hain zuzen, artistaren buruan, edo paper batean, eginda dagoen diseinua horma handi batera eramatea, ia erreferentziarik gabe.     Kale, plaza eta pasabideetan gora eta behera, antzinako meatzeen aztarnen artean, altxor ezezagunak aurkitu ditugu. Batean, hezetasunaren orbanak aprobetxatuta egindako figurak. Bestean, horma-irudi koloretsua. Hurrengoan, forma geometriko zehatzak pareten zurruntasuna apaintzen. Konturatu orduko iritsi gara amaierara. Bilbao Arte zentroaren atzeko aldean Michael Grudziecki poloniarrak marraztutako eskailera surrealistek biribiltzen dute bisitaldia. Itsasoko ziurgabetasunetik zeruko argitasunera altxatzen dira eskailera horiek, auzoaren bilakaeraren metafora balira bezala.     Urtarrilaren 28an bukatuko da bisitaldi gidatuen zikloa. SC Galleryren proposamenak arrakasta itzela izan du eta leku guztiak beteta daude dagoeneko, bai gaztelaniaz eta baita euskaraz ere. Galeriakoek bisitaldi gehiago antolatzeko asmoa dute, Bilboko Udalaren oniritziaren zain daude. Izan ere, hogei artelan inguru katalogatu dituzte, baina erdiak inguru ikusi ditugu guk. Beraz, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako paretetan altxor gehiago daude, nork deskubrituko zain.
news
argia-627cf6c0be0b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/kapital-txinatarra-gipuzkoar-kooperatibismoarekin-txertatuta.html
Kapital txinatarra gipuzkoar kooperatibismoarekin txertatuta
Baleren Bakaikoa Azurmendi
2017-01-22
Kapital txinatarra gipuzkoar kooperatibismoarekin txertatuta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Gipuzkoako erraustegia behin-behineko enpresa elkarte bati esleitu diola jakin berri dugu. Enpresa elkarte horretako lidergoa Urbaser enpresaren esku dago, Florentino Perezek bere zati osoa saldu ostean, honen kapital sozial osoa txinatarra da. Beraz, Urbaser txinatarra da eta erraustegiaren eraikuntzan parte hartuko du, batik bat, teknologiari dagokionez, Txinako Shangai inguruan enpresa horrek tratatzen baititu hondakinak. Urbaserrek gipuzkoar enpresa batzuk erraustegiaren eraikuntzan eta ondorengo ustiapenean partaide izango ditu, eta eginkizun horretan deigarria egin zaigu LKS kooperatiba kide izatea. Izan ere, Mondragon Korporazioko (lehen MCC) kide da zerbitzu kualifikatuetarako enpresa hau, eta jakina denez, Mondragon Korporazioak balio eta printzipio kooperatibo zuhur eta sendoak ditu, LKSk auzitan ipiniko dituenak Zubietako erraustegian buru-belarri murgiltzen baldin bada. Ez ahantzi, urteak direla Mondragon Korporazioa kezkatuta dagoela kooperatibismoaren balioak eta printzipioak ahultzen ari direlako eta sendotu nahi dituelako. Eginkizun horretan, besteak beste, Irizarrek (Irizar S. Coop) saiakerak egin zituen, nahiz eta ekonomia globalizatuan zaila den espiritu lehiakor eta produktiboa saihestea, are gehiago kooperatiba talde horren zuzendaritzak neoliberalen doktrina barneraturik badauka eta ahazten badira taldearen espirituak dioena: "Lanean gizatasuna. Humanity at work ". Edozein kooperatibak bezala, LKSk ere eskubide oro dauka mozkinak erdiesteko, bere iraupena ziurtatu eta garatu ahal izateko. Alta, eskubide horrek ez du esan nahi helburuak gipuzkoarroi bizkar emanda lortu behar dituenik, kooperatiba batek inguruko gizartearekiko bere erantzukizuna izan behar baitu. Edo ahantzi egin al du printzipio hori? Kontuan izan behar dugu kooperatiben printzipioen artean azpimarragarriak direla kapitalak lanaren morroi izan behar duela, ez helburu, Urbaserrek gidatutako behin-behineko enpresa elkarteak gura duen bezala. Autogestioari dagokionez, erabakiak denon artean hartu behar dira, ez Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ondorioz GHK-k egin duen bezala, herritarroi erraustegia egin ala ez kontsulta ukatzen. Edo gizartea eraldatzea: nola eraldatu gipuzkoarron eredu soziala, 35 urtetarako gure udalen aurrekontuak hipotekaturik geratzen badira. Edozein kooperatibak bezala, LKSk ere eskubide oro dauka mozkinak erdiesteko, bere iraupena ziurtatu eta garatu ahal izateko. Alta, eskubide horrek ez du esan nahi helburuak gipuzkoarroi bizkar emanda lortu behar dituenik, kooperatiba batek inguruko gizartearekiko bere erantzukizuna izan behar baitu. Edo ahantzi egin al du printzipio hori? Eta zer esan txinatarrei buruz? Ez dugu ahaztu behar, duela zenbait hamarkada gure ikastetxeetan diru bilketak egiten genituela txinatarrak kristautzeko, gaixoek doi-doi baitzuten bizirauteko adina eta geure diru laguntza behar zuten. Orain barre ederki egiten digute, arrazoiz gainera. Izan ere, munduko txiroenen artean sailkatuta egon ostean, izugarrizko potentzia bihurtu zaigu azken hamarkada hauetan. Mendebaleko kapitalak Txinarako bidea hartu zuten herrialde horretan lan-indar merkea erabiliz, ekoiztutako ondasunak gure artean merke saltzeko. Antzinako kolonietako lehengai merkeak bezala, Txinak eskulan merkea zeukan eta horregatik inbertsiotarako erakargarri bihurtu izana. Kapital metaketa bizkorra egin ostean, Afrika eta Hego Amerikara zuzendu zituzten inbertsioak. Orain, Gipuzkoa du helmuga, bertan egingo baita Espainiako Estatuan une honetan burutzen ari den inbertsio publiko handiena; aldi berean, kapital txinatarrak Europan bere posizioak indartzeko aukera polita ere izango du. Lehen Txinara dirua bidaltzen genuen eta orain geure udaletatik eramango dute dirua Maoren herrialde erraldoira. Kolonialismoaren eredu berritua!
news
argia-397f1c15f764
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/euli-gizona.html
Euli gizona
Montserrat Auzmendi del Solar
2017-01-22
Euli gizona Apustu ezberdina eta titulu ahaztezina eskaini zigun Euskal Herriko Gazte Orkestrak neguko kontzerturako. Nork ez du gogoratzen Harold Lloyd-en eszena eraikin bateko erlojutik zintzilik? Fotograma hori oso famatua da, baina agian jende askok ez daki Safety last (edo Euli gizona ) pelikulatik ateratakoa dela. Film hau ikusteko aukera eman ziguten Gazte Orkestrakoek Carl Davis-en soinu bandarekin batera –orkestrak bertan jota–. Emaitza, primerakoa. Hori bai, arrisku txiki bat bazegoen: hain pelikula ona izanda, posible zen musika bigarren planoan geratzea –eta puntu bateraino halaxe gertatu zen–, baina, hala eta guztiz ere, ikuskizun konpleto, dibertigarri eta kalitatezkoa suertatu zen. Publikoak gozatu egin zuen eta frogatuta geratu zen Euskal Herriko Gazte Orkestra harrobia baino gehiago dela. Pausoz pauso, Juan Jose Ocon zuzendariak fin eta sendo darama taldea kalitatearen bidetik, eta hori begi bistan dago ematen duten saio bakoitzean. Esan bezala, aldi honetako proposamena ohiko bideetatik ateratzen zen, eta horrexegatik, gehiago baloratu behar da egindako esfortzua. Ez da lan erraza pelikula bat musikaz azpimarratzea. Doitasun aparta behar da konpositoreak egindako efektuak behar den eszena edo mugimenduarekin sinkronizatzeko. Adi-adi egon ginen, eta esan behar da sinkronizazio lana aparta izan zela. Baina ez hori bakarrik. Orkestraren konpaktazio eta soinu-fintasuna deigarriak izan ziren. Musikari guztiek ongi egindako lanaren alaitasuna partekatzen zuten publikoarekin, eta entzuleak horretaz jabetzen ziren. Bestalde, lehen aipatutako musikaren "bigarren mailako rola" ikuskizun honetan –nolabait esateagatik–, ez da negatibotzat hartu behar. Kasu honetan, egia esan, protagonismoa filmarena izan behar zen, eta orkestrak bere lana egin zuen, Lloyden maisu-lana girotuz eta behar den magia emanez. Oso arrakastatsua izan zen saioa, eta txaloei erantzuteko, bis polit bat jo zuten: Olentz-EGO izeneko jazz moduko Gabonetako kanten medley bat. Ondo egina. Zorionak.
news
argia-4faa9f37376d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/judit-roura-transforma-la-salut-plataformako-kidea.html
"Genero nortasuna eskubide zibil bilakatzea da erronka"
Saioa Baleztena
2017-01-22
"Genero nortasuna eskubide zibil bilakatzea da erronka" Urriaren 24an Kataluniako Osasun Sailak Trans*forma la Salut plataformarekin batera aurkeztu zuen pertsona transexualentzako osasun arreta jarraibide berria. Transexualen oinarrizko eskubideen aldeko bederatzi elkarte biltzen dituen plataformak helburu bakarra du: orain arte osasun sistemak ezarritako bazterkeria amaitzea. Lorpenaren eta erronka berrien inguruan mintzatzeko elkartu gara plataformako eta Generem elkarteko kide Judit Rourarekin. Laster hiru hilabete beteko dira jarraibide berria aurkeztu zenutenetik. Emaitzarekin pozik? Zalantzarik gabe albiste ona da, aspaldiko borroka baten emaitzak iristen hasi direlako. Hala ere, azpimarratu nahi dugu, jarraibide berria dagoeneko martxan den arren, oraindik ere hamaika ñabardura daudela zehazteke. Izan ere, urriaren 24an aurkeztu genuena, jarraibide bera baino, asmoen adierazpena da.  Egunerokoan zer dakar? Aurkeztu genuen dokumentuak Transit zerbitzua jarri du martxan Kataluniako Osasun sisteman. Horrek orain arte falta zen zerbitzu esplizitua ahalbidetzen du pertsona trans -entzat; batez ere, trans izatea aurrerantzean ez da patologia izango eta aniztasuntzat hartuko da. Berrikuntzen artean, transexualok osasun sistemaren oinarrizko sarean egotea ahalbidetuko du, adibidez.   "Katalunian onartutako jarraibideen arabera, 'trans' izatea aurrerantzean ez da patologia izango eta aniztasuntzat hartuko da" Zuen eskakizun bati erantzunez jarri da indarrean eredu hau. Egia esateko prozesua uste baino azkarragoa izan da, eta urte eta erdi baizik ez dugu behar izan lehen lorpen honetara iristeko. Trans*forma la Salut plataforma osatzen duten elkarteetako batek, Generemek, bota zuen ideia lehenengoz. Duela hilabete gutxi arte transexuala izatea patologiatzat jotzen zuen osasun sistemak, eta horri buelta emateko borroka abiatu genuen. Generem elkarteak zirriborro bat idatzi zuen, baina aurki ikusi zuen bere kabuz ez zuela indar nahikorik eta helburu berdina zuten gainontzeko elkarteen sarea osatzea izan zen irtenbidea. Guztion artean zirriborro hura osatu eta ekainean aurkeztu genuen Parlamentuan. Sare hori osatu izana gakoa izan da. Gainera, arazoarekin batera irtenbidea ere jarri genien mahai gainean. Orain arte Kataluniako osasun sistemak Nortasun Generoaren Unitatearen bitartez (UIG) artatu izan ditu pertsona transexualak. Oker ez banago horren kontrako salaketa ere jarri zenuten jarraibide berria aurkeztean. Bai, guztira 70 testigantza bildu genituen, sistema horren erabateko diskriminazioa agertzeko asmoz. Esaterako, emakume trans batek lesbiana zela esaten bazuen ez zuen hormona tratamendurako eskubiderik, transexuala izan ordez trabestitzat jotzen zutelako. Edo, adibidez, 50 urtetik gorakoek ez zuten zirujiarako eskubiderik. Umiliagarria zen. Eredu berriak ordezkatu eta, ondorioz, desagertu egingo da UIGa? Guk desagertzea eskatzen dugu. Eta batez ere ez dugu birziklapenik onartuko, hala izango balitz osasun sistemak jarraituko luke trans -ok patologizatzen. Baina, zoritxarrez, oraingoz ez da desagertu. Uste duzu gizartea desinformatuta dagoela transexualei dagokienez? Erabat. Tira, desinformatuta ez, gizartea deformatuta dago, goitik behera. Estigma sozialak sekulako karga du eta emakume trans -ok zama hori daramagu gainean. Prostituzioa, drogadikzioa eta bestelakoak egozten zaizkigu beti. Hitz gutxitan, gizartearen zaborra gara. Sekulako diskriminazioa dago. Eta gizon transexualak, aldiz, isilarazten dira. Baina gu gizartearen parte garenez, gizartearen errekonozimendua behar dugu. "70 testigantza bildu genituen, sistema horren erabateko diskriminazioa agertzeko asmoz. Esaterako, emakume trans batek lesbiana zela esaten bazuen ez zuen hormona tratamendurako eskubiderik, transexuala izan ordez trabestitzat jotzen zutelako". (Arg.: Jordi Borràs) Eredu berriak badakar prozedurarik formazioari dagokionez? Hiru heziketa ardatz proposatu ditugu. Lehena orokorra da eta gizarteari zuzenduta dago, transexualak pertsonak garela argitzeko. Bigarrena osasun sistemari zuzenduta dago, transexualok medikuarengana joaten garenean jakin behar duten informazioa eta zer egin behar duten eta zer ez barneratzen duena. Eta hirugarrena osasun sistemako profesionalei zuzendutakoa da; alegia, pertsona transexualekin zuzenean lan egiten dutenentzat formazioa da. Ezjakintasun itzela dago eta sekulakoak jasan ditugu. Adibiderik? Zein erantzun eman behar zaio prostataren azterketa behar duen emakume transexual bati? Eta gizon trans batek seme-alabak izateko intseminatu nahi badu? Ezinbestekoa da transexualek azpigeneroa duten pertsonek dituzten eskubide berberak izatea. Ez du axola nondik zatozen baizik eta zer zaren. Orain arte, osasun sistemak ez du hori bermatu, tokian tokiko profesionalen nahiaren menpe jokatzen zuten, politika zehatzik ez zegoelako. Ikuspegi kontua da.  Azken erabakia pertsonarena izatea da erronka? Zalantzarik gabe. Gaixotasun bat ez denez medikuak ez du hitzik. Noski, gomendioak eman ditzake, prozedimendu orok eduki ditzakeen onurak eta arriskuak jakinarazteko, baina onartezina da erabakia euren esku egotea. Medikuen lana pertsona transexualen beharrak asetzea da. Ez dago irtenbide orokorrik.  Osasun sisteman eman duzue lehen urratsa. Aurrerantzean hezkuntzarako edo justiziarako jarraibiderik sortzea aurreikusi duzue? Bai, baina poliki-poliki. Garrantzitsuena osasunarena da, zalantzarik gabe, hil edo biziko arazoa baita. Bidegabea eta onartezina da transexualak gaixotzat hartzea eta horri buelta eman behar zitzaion. Genero nortasuna jaiotzatik esleitutako ezaugarria izateari utzi eta eskubide zibil bilakatzea da gure erronka. Borroka hori ez da trans -entzat onuragarria bakarrik, baizik eta gizarte osoarentzat. Gu aske garen egunean zuek askeago izango zaretelako. Gero etorriko dira besteak… "Proposatu dugun heziketa ardatzetako bat osasun sistemako profesionalei zuzenduta dago; ezjakintasun itzela dago eta sekulakoak jasan ditugu" Solas egin dezagun ebakuntzez. Duela gutxi arte adin-muga zegoen. Eredu berriak berrikuntzarik dakar? Bai, ez da adin mugarik egongo, adinarena erabat artifiziala baita. Esate baterako, munduan 10 urterekin hilekoa jaistea ekiditeko hormona blokeatzaileak hartzen dituzten neskatoak daude barra-barra. Beraz, ez du zentzurik pertsona transexualei adin-muga jartzeak. Noski, badakigu hormonen prozedurak izan ditzakeela ondorio positiboak zein negatiboak. Baina osasunerako ez da kaltegarria. Besterik gabe, gorputzak berez egingo lituzkeen aldaketak ez lirateke egingo, eta kito. Pertsona transgeneroen arazo nagusietako bat izaten da, bertzeak bertze, ebakuntzak egiteko dagoen zerrenda luzea. Azken urteotan aldaketarik egon da? Ebakuntza kopuruak gora egin duen arren, itxarote zerrenda oraindik ere sekulakoa da. Lehenago hamabost urtekoa zen, orain murriztu egin da. Guk eskatzen duguna ez da abantailarik izatea, gainontzeko itxarote zerrenden maila berean egotea baizik. Zein duzue aurrerantzean erronka nagusia? Aniztasun hau gizartearen ikuspegi guztietan integratzea. Gizarteak aurrerapausoak eman ditu, baina hainbat ikuspuntutan atzerakoiegia da oraindik ere. Pertsona trans -ok bazterkeria jasaten jarraitzen dugu, eta batzuek hori justifikatzen dute trans izatea bizipen gogorregia dela esanez. Ez zaie arrazoirik falta, baina badira beste hamaika bizipen gogor: haur bat izatea, banaketa bat... Eta ez gara psikiatria bidez konpontzen saiatzen. Askatasunaren barruan dauden erabakiak dira, eta logika berean, genero nortasunak erabaki askea izan beharko luke.
news
argia-6570034d3fd3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/libertatia-zeinen-eder-den.html
Libertatia zeinen eder den
Aritz Galarraga
2017-01-22
Libertatia zeinen eder den Nobedade ez diren liburuak iruzkintzeko 2010ean hartu nuen tarte honetan, bazen inon idatzi gabeko lege bat: autorerik ez errepikatzea. Betetzea gero eta zailagoa zaidan lege bat, aipamena merezi dutenak ez baitira agorrezinak, eta hainbeste maite ditut idazle gutxi batzuk. Nire deskarguan esango dut Itxaro Borda apailatzaile gisa ekarri nuela soilik, Emakumeak idazle antologiaren karietara. Injustizia bat konpontzera nator, beraz, Borda behingoz autore gisa ekarrita. Eta etorkizunerako atea uzten dut irekita, behin hemen sartu diren idazleak berriz gonbidatu ahal izateko. Zer liburu aukeratu, ordea, zerrenda luze batetik. Bada, urte askoan, Meettok argitaletxeak 100% Basque atera arte, gaztelaniara itzulitako liburu bakarra, 1989. Allegro ma non troppo , Hiru argitaletxe mitikoan agertu zena, euskarazko narratiba lanak gaztelaniaz ematen zituen Milia Lasturko sail gogoangarrian (inor gutxik jarraitu duen ekimena, Pamiela eta Diario de Noticias egunkariak abiatu zutena salbu, nahi baino oihartzun txikiagoarekin). Literaturaren zubitegian, ez narrazio, ez nobela, kronikaren atalean kokatu dute, ale bakar, izenburuak aitortu bezala, nahiz azken orrialdean "nobela bitxi honetan" aipatzen den. Kronika edo nobela bitxi, narrazio labur, gogoeta, elkarrizketa, elkarrizketaz mozorroturiko bakarrizketak biltzen ditu, umore pindarrez, melodramatiko, gorabeheratsu, brilliant batzuetan, afruskeriaren mugetan besteetan. Borda bere osotasunean. Baina esan dezagun kronika, ados. Zerena, ordea. Bada, 1989. urtearena, iraultza famatuaren urtemuga, berrehungarrena: bero garaia, euririk ez, artoak galbidean, "ETA eta espainol gobernuaren arteko negoziaketak berriz abiatzen ziren", "feministen mugimendua osoki integratua, eta halatan desbalorizatua dela", eta "Frantziak, derrigorrezko azimilazioneaz beste aterabiderik ez du proposatzen". Behar baino gehiago laburtuz, azalduko zaigu 1789az geroz Frantziak nola "aztertu, analisatu, kuadratu, normal-normatu, errevoluzionearen baloreetara plegatu" dituen euskaldunak, "astoaren, irrigin arazlearen, itsuki langilearen, ridikuloki fededunaren" arrastoan sartzeraino. Irakurri bitartean topatuko dituzu hizki dantzariak, koma auskalo non jarriak, supituki agertzen diren gidoitxoak, akats ortografikoak, ahaztutako maiuskulak, desagerturiko letrak. Pixka batean tremendista jarriko da tarteka –"historian ez dago lekurik guretako, non ez den bentzutuen orrialde odolez kolorestatuetan"–, Godwin legea aplikatzeraino –"Zein da gizarte merdiko hau, populu baten aurkako soluzio finala, bakean, onartzen duena?"–. Baina libertatia zeinen eder den, beste behin ere, Bordaren eskuetan aske dabilenean.
news
argia-86e51c3a0431
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/hilerokoa-eta-gorputzen-presentziak.html
Hilerokoa eta gorputzen presentziak
Nora Barroso
2017-01-22
Hilerokoa eta gorputzen presentziak Pertsona bakoitzak modu ezberdinean bizi du bere lehen hilerokoa. Gertatu baino lehen, pasarte horren inguruko berriak nagusiki etxetik, eskolatik edo lagunengandik etortzen dira, baina, ezinbestean, kalea eta komunikabideak ere informazio iturri dira. Eremu gehienetan gorputzaren inguruko azalpen fisiologikoak ematen dituzte, baina, nire ustez, mezu nagusiaren laburpena "hileroko = haurdun geratzeko aukera" da. Mezu orokorrak "kontuz, jada ez zara haur bat" adierazten du eta, testuinguru horretan, hilerokoa beldur edo arazo bihurtu dezake. Gainera, enegarren aldiz txertatuko dute, haientzat emakumea den gorputzaren eraikuntzan gizonaren presentzia. Lehenengo aldian amari kontatu nion baina gero, ezkutuan nenbilen; ez nuen, zentzu horretan behintzat, handia izan nahi. Egoera asko luzatu zen, eta horrek gorputzaren kontzientzia falta adierazten du, asimilatu gabeko zerbait. Orduan zartako batez ulertu nuen hilerokoaren garrantzia; eta ez ama izan nahi edo gizon bat behar nuelako ondoan, hilerokoa nire osasunaren eta barne orekaren parte zelako baizik Aurrerantzean hilerokoa ohiko zerbait bihurtu zen, hor zegoen: mina ematen zuen, behar ez zuenean agertzen zen eta, beti, kulero edo praka zikinekin bukatzen nuen. Ez nuen nire parte zen zerbait sentitzen, eraikuntza kanpotik eratorria zen. 2005. urtean hilerokoa ez izaten hasi nintzen, halaber, nire gorputzean bestelako aldaketak sortu ziren. Buruan mikroprolaktinoma bat diagnostikatu zidaten (gurruin pituitarioaren tumore onbera bat). Orduan zartako batez ulertu nuen hilerokoaren garrantzia; eta ez ama izan nahi edo gizon bat behar nuelako ondoan, hilerokoa nire osasunaren eta barne orekaren parte zelako baizik. Adiskidetze prozesua gogorra eta polita izan da; gorputzaren intuizioari entzuten lagundu dit eta nire burua hobeto ulertzen dut orain. Bide horren eragina ez da soilik hilerokora mugatu: erlazioetan dago presente (afektiboak, sexualak, laguntasunezkoak…), ekintzak gauzatzeko moduan ikusten dut, hitz egiteko maneran. Gehienetan gure gorputzetatik at bizi garela uste dut; eta, modu pausatuan nork bere esentzia ukitzen utzi baino lehen kanpoko aktoreak sartzen dizkigutela, gure barrua nahasiz. Nor bere gorputzean bizi dela sentitzea, haren erritmoa ikustea… Hasiko al gara jendarte bezala barne eraikuntzatan zuzendari baino bidelagun izaten? Halako batean baztertuko al ditugu gorputzekiko, pentsamenduekiko... inposizioak? Inoiz behar duen espazioa emango al diogu barnea aditzeari?
news
argia-7a41fbfa6c3d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/eta-jaki-ekologikoak-soilik-jango-bagenitu.html
... eta jaki ekologikoak soilik jango bagenitu?
Garazi Zabaleta
2017-01-22
... eta jaki ekologikoak soilik jango bagenitu? Esperimentua egin du Japoniako Greenpeacek bi familiarekin: hamar egunez, jaki ekologikoz soilik osatutako dieta jarraitu dute partaideek. Nola eragin ote du horrek beren osasunean? Sustantzia kimiko gutxiago gure gorputzetan Nekazaritza konbentzionalean oso erabiliak diren pestizidetako sustantziek (glifosatoa, neonikotinoideak, piretroideak, eta abar), ingurumena kaltetu ez ezik, gure gorputzetan amaitzen dute barazkiak jandakoan. Azken urteetan egindako ikerketa askok lotu dituzte sustantzia horiek arazo neurologiko, garapen kognitiboko atzerapen edota kantzerra bezalako osasun arazoekin. Greenpeacen azterketako emaitzek, esperimentuko partaideen organismoetan pestiziden presentzia nabarmen jaitsi dela erakutsi dute. Batez ere pestizida organofosforatuetatik eratorritako elementu kimikoen, piretroideen eta glifosatoaren presentzia da gutxitu dena: DAP gernu-dialkilfostatoa (hainbat organofosforaturen degradaziotik eratorria) litroko 100 mikrogramotik 20 mikrogramo baino gutxiagora jaitsi da, adibidez. Hamar eguneko esperimentu laburra izan dela kontuan hartuta, esanguratsuak dira datuak, adituen ustez. Garrantzitsua, bereziki haurrentzat Nekazaritza ekologikoko jakiak hartzea edonorentzat bada onuragarri, esperimentuko egileek haurren elikaduran jarri nahi izan dute fokua, batez ere. Izan ere, produktu kimiko eta toxikoek kalte gehiago eragiten dizkie haurrei, garapen betean daudelako Gorputzeko pestiziden gutxitzea, ordea, ez da %100 jaki ekologikoak hartzearen onura bakarra izan, parte hartzaileen arabera: "Honek bizimodu geldoagoa gozatzeko aukera eman dit. Jakiak guk geuk prestatzera behartu gaitu, aurretik prestatutako janari ekologikorik ez baitago, eta horrek familian, elkarrekin momentuak konpartitzeko eta horrekin gozatzeko aukera eman digu".
news
argia-0f8c0bbed127
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/akordio-handia-lortuta-amaitu-dute-315-eguneko-greba-gipuzkoako-errepideen-zainketa-langileek.html
"Akordio handia" lortuta amaitu dute 315 eguneko greba Gipuzkoako errepideen zainketa langileek
Ainhoa Bretos
2017-01-17
"Akordio handia" lortuta amaitu dute 315 eguneko greba Gipuzkoako errepideen zainketa langileek Akordioa lortu dute ELAk eta Gipuzkoako errepideen mantentze lanetako enpresek urtarrilaren 13an. Bizkaiko zahar-etxeetan, aldiz, grebarako dei egingo du ELAk otsail osorako. Adostutakoaren inguruko xehetasunak urtarrilaren 17an eman dituzte ezagutzera: bere lan hitzarmena izango du ABEE Aldi baterako enpresa elkarte bakoitzak. Goierrialdea, Miramon eta Urola Deba dira akordioa sinatu duten ABEEak. Hirurak daude diputazioaren menpe, eta 95 langile dituzte guztira. Hitzarmen horiek Espainiako lan erreformaren kontrako klausulak eta lanpostu mailaketaren berezitasunak jasoko dituzte, eta 2019ko abenduaren 31ra arte izango dira indarrean. Langileek %9 eta %11 bitarteko soldata igoerak izango dituzte; lorpen hori azpimarratu egin du ELAk. Gainera, adierazi dute ABEEen esku geratu direla lan--baldintzengatiko gehigarriak; gaueko lana, asteburuetakoa, errepideetan jardutea... 2016ko martxoan ekin zioten grebari, adierazi dutenez, sei urte zeramatzaten soldaten izozketa jasaten eta hamabi ordutik gorako lanaldiak egiten. ELAk txalotu egin ditu hamar hilabeteko greba egiteko langileek agertutako adorea eta beste sektoreetatik iritsitako elkartasuna. ELAren erresistentzia-kutxak emandako babesaren garrantzia ere azpimarratu dute. Bestalde, eskerrak eman dizkiete Gipuzkoako errepideen erabiltzaileei eta jendarte osoari, "borroka honen arrazoiak ulertzeagatik". Gaineratu dutenez, ABEEkin akordioa erdietsi eta gero Gipuzkoako Foru Aldundiarekin beste bat adostea dute orain helburu, 2019 ostean baldintza berei eustea ziurtatze aldera. Lehenago akordiorik lortu ezean, otsailaren 1ean hasiko da Bizkaiko zahar-etxeetako greba Iazko mobilizazioen jarraipena izango da greba, eta gutxienez hilabete luzatuko da. Orain dela 75 egun baino gehiago egin zuen patronalak azken proposamena, eta "ganorarik gabekoa" izan zela adierazi du ELAk. "Ratioak hobetzeko behar besteko diru sailak bideratzea, zentroetako pertsonala handitzea eta langileei lan-baldintza duinak eskaintzea" exijitu du sindikatuak.   Bizkaiko Foru Aldundia ere kritikatu du ELAk, patronalaren ikuspuntua "babestu" izanagatik. Bere hitzetan, "bere ardurapeko sektore baten gatazkari konponbidea bilatzen lagundu beharrean, patronalaren ikuspuntuei eusten dio Bizkaiko Foru Aldundiak".
news
argia-acf631ddf949
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2538/aebak-somalian-ari-dira-probatzen-ezkutuko-gerra-inperial-berria.html
AEBak Somalian ari dira probatzen ezkutuko gerra inperial berria
Pello Zubiria Kamino
2017-01-22
AEBak Somalian ari dira probatzen ezkutuko gerra inperial berria Barack Obamaren administrazioak azken hilabeteetan biziagotu du gerra klandestinoa Somalian, Afrikako kostalde idor hartako etsai islamistaren aurkako erasoan erabiliz eliteko tropa bereziak, airezko erasoak, kontrata pribatuak eta Afrikako aliatuak. Obamaren herentzia eraisten ahaleginduko den Donald Trumpek bere eginen du AEBetako armadak sustatu eta Hillary Clintonek finkatutako gerra modu berria. Hamabi milioi biztanletik milioi erdik bizia galdu eta milioi bat gehiagok herrialdetik ihes egin behar izan ostean, itzali gabe jarraitzen du Somaliako gatazka kasik ahaztuak, nahiz eta Muqdisho hiriburuko gudu txiki batek lortu zuen best seller izatea Black Hawk Down izeneko liburu, film eta bideo-jokoekin. Ahaztua edo ezkutatua bai albistegietatik, baina inperioko militarrek  oso hurbiletik zaindua beren estrategia berrien laborategi bihurtu dutelako. Huts egindako estatuen eredutzat aipatu izan da Somalia, azalpen handiegirik eman gabe zerk eta nola eraman duen hondoa jotzera. Mohamed Siad Barre jeneralak 1990ean agintea galdu zuenetik ez du herrialdeak gutxieneko egonkortasunik aurkitu, alde batetik militar iparramerikarrak eta inguruko herrialdeetakoak –Kenya, Etiopia...– lehenik trantsizioko gobernua eta orain gobernu federala sostengatu nahian, bestetik lekuko leinuetako armada txikiak eta Al-Qaedari edo Estatu Islamiarrari lotutako gerrillariak. Joan den urrian New York Times ek argitu du urrutiko gerra galdu haren garrantzia, Mark Mazzeti, Jeffrey Gettleman eta Eric Schmittek sinatutako "Somalian AEBak ari dira indartzen itzalpeko gerra" kronikan: "Somaliako kanpaina da gerra eredu bat Obama lehendakariak bere egin duena eta ondorengoari pasatuko diona. Horixe da AEBek gaur darabilten eredua Ekialde Hurbilean bezala Afrikako iparrean –Siriatik Libiara– gaindituz Obamak munduko gerra eremuetan amerikarrek oinak jartzeari dion higuina. Aurten bertan AEBek aireko erasoak burutu dituzte zazpi herrialdetan eta operazio bereziko misioak askoz gehiagotan". Muqdisho hiriburuan 1993an amerikarrek galdu zutenetik ebakuazio ahaleginean ari zen helikoptero bat gerrillarien misilek jota –barruan zeramatzan 18 soldaduekin–, urruneko guduetan gizonik ez hiltzea izan da luzaz AEBetako armadaren lehentasuna, baina urteak ez dira alferrik pasatu eta Somalian erakutsi dute ostera arrisku berrietan sartzeko prest daudela. Obamaren aroan lehendakari iparramerikarrak aginte zabalagoa eskuratu du Somalian bortxa erabiltzeko, ofizialki Al Shabab gerrilla islamistaren erasoetatik babesteko AEBetako eta Afrikako tropak. "Pentagonoak –dio New York Times ek– gerrako albisteak ematerakoan operaziook lausotzen ditu 'auto-defentsazko eraso' izenpean, baina zenbait analistak uste du hitz egiteko modu hori ez dela denborarekin egia bihur dakin esandako profezia baino". Bere 9.000 gudari ingururekin, Al-Qaedari obeditzen dion Al Shabab taldea izango da Somalian arrakasta handienez aurre egiten diena amerikarrei eta AMISOM Afrikako Batasunaren Somaliarako Misioak ezarritako gobernuari. Urteotan hainbat porrot militar jasan, hiruburuaren kontrola galdu eta drone yanki batek berrikitan Moktar Ali Zubeyr buruzagia hil arren, ahalmen militarra ez du galdu. 2013an Al-Shabab iritsi zen Kenyako hiribururaino, bertako erasoan 60 lagun hilaz. Al Shababen kontra aritzeko AEBek operazio berezietako 300 militar dauzkate, Somalian AMISOMen babesean ari diren Kenya, Uganda eta bestetako soldaduekin elkarlanean. Hilero dozena erdi erasotik gora antolatzen dituzte, lurreko operazioak airetik dronez osatuz. Operazio horietan parte hartzen du AEBen Itsas Armadako SEAL Team 6 unitate bereziak, zeinari buruzko informazioak sekretutzat sailkatuta dauden. Borroketan atxilotutakoen galdeketetan ere hartzen dute parte. Gerra azpikontratatuen logika berrian Zenbait aditu ari dira ohartarazten aireko erasook, auto-defentsa moduan justifikatu arren, derrigor ekarriko dutela gerraren gogortzea, eta Afrikako militarrei laguntzera joandako eliteko militar yankiak gero eta sarriago jarriko direla Al Shababen jomugan. Kontua da Somalian militar amerikarren eta afrikarren ondoan gerran berezitutako kontratista pribatuak ere ari direla. Mertzenarioak, alegia. Zehazki, New York Times ek aipatu du Bancroft Global Development konpainia, egoitza Washingtonen duena: "Urteak daramatza Estatu Departamenduarekin lanean Afrikar Batasunako tropak entrenatzen eta horiekin nahastuta parte hartzen Somaliako operazio militarretan". Bancrofteko buru Michael Stockek kazetariei aitortu die Danab izeneko talde somaliarra osatu dutela. Errekrutatu ondorengo lehen entrenamenduak Muqdishon egin ostean, Baledogleko base militarrera eramaten dituzte, AEBetako marineekin hobeto prestatu ondoren Al Shababeko gerrillarien kontrako guduetan murgiltzeko. Stockek esan du helburua dela unitate militar somaliar bat antolatzea, Al Shababekoen aurka ez errepikatzeko Afganistan eta Iraken egindako pettoak; hauetan AEBek milaka milioi dolar gastatu zituzten armada handiak prestatzen, azkenean espero baino etekin kaskarragoak lortzeko. Somaliako ereduko gerra berrietan, inperioak incognito moduan jokatzen du eta lortzen du AEBetan bezala herrialde aliatuetan gaiak interesa galtzea. Hedabiderik apenas azaltzen den parajeotatik. Finantziazioa CIAren eta armadaren kontu sekretuetatik doa, sarritan Saudi Arabia bezalako bazkide bati emanarazita. Gerrako ekintzengatiko erantzukizunak, berriz, pribatizatu egiten dira gerraren zati osoak kontratista pribatuei azpikontratatuta. Abenduan Mint Press News hedabide amerikarrak analisiok osatu ditu xehetasun argigarriz: "AFRICOM izeneko inperio sekretua: AEBetako armadak nola bihurtu duen Afrika gerra modernoaren laborategi". AFRICOM da AEBen 9 gudu komandoetatik bat, Alemaniatik gidatzen dituena Afrikako 53 herrialdeetako operazioak. Nick Turse kazetari eta unibertsitarioaren arabera, Obamaren administrazioak urteotan izugarri handitu du militar iparramerikarren presentzia Afrikan. 38 herrialdetako 60 gunetan daude amerikarrak, baina ez orain arte egiten zuten moduan, base militarretan. Djibutiko baseaz landa inon ez dago tropa, arma edo hegazkin pilaketa handirik. Aldiz, militarrek nenufar deitura xarmangarriz (' lily pad ' ingelesez) bataiatutako 60 txoko diskreto horiek datzate Afrikako edozein aireportu, kai, base edo erregai hornidurazko egoitzatan, berdin Egiptoko ikerketa medikuko zentro batean edo Kenyako portu batean: AEBetako armadaren egitura txikiak behar den unean askoz indar militar handiago bat bildu eta zabaltzeko prestatuak daude. Pentagonoak aurreratuta dauka islamisten kontrako gerraren gidaritza lau gune nagusitan berrantolatzeko plana. Afrikako gatazkak estrategia berriarekin kontrolatzeko nodoa Europa Hegoaldean lihoake, agian Espainian.
news
argia-439310d6e360
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/zerga-atzerakada.html
Zerga atzerakada
Mikel Zurbano
2017-12-24
Zerga atzerakada Oxfamen azken txostenaren arabera atzeraldi handiaren osteko desberdintasunen igoeran soldatapekoek izandako errenta galerak ez ezik, enpresa handien zerga jokabideak ere berebiziko garrantzia izan du. Desberdintasunak lausotzeko lanabes inportanteena fiskalitatea izanik enpresen zerga ekarpena gero eta apalagoa da. Elkarteen Gaineko Zergak 2016an 2007aren erdia bildu zuen dirutan Espainiako Estatuan, baita Hego Euskal Herrian ere. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Elkarteen Gaineko Zergaren kopurua itundutako diru bilketaren %14,5 zen 2007an, baina 2016an ehuneko hori %8,2ra jaitsi zen. Mendebaldeko ekonomia politika ofizialetan agenda liberala indartu ahala gertatzen ari da kapitalaren jabeen gaineko zerga arintzea. Horretarako bi bide erabili ohi dira, mozkinen gaineko tasaren jaitsiera eta kenkarien hedapena. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko – ELGA-OECD– herrialdeetan zerga horren batez besteko tasa %32,2koa zen mendearen hasieran eta 2016an %24,7koa. Jaitsierak ez du etenik, horrela abenduaren hasieran AEBetako Senatuak azken hiru hamarkadetako zerga erreformarik gogorrena onartu zuen. Neurri behinena Elkarteen gaineko Zergaren tasa %35etik %20ra jaistea izan da. Donald Trumpen ortodoxia ekonomikoaren lehen garaipen politikoa. Frantzian Emmanuel Macronen gobernua hainbat neurri liberal onartzeko bidean da, horien artean Elkarteen Gaineko Zergaren %33,3ko tasa %25era jaistea. Confesbask-en argudioak erabili dituzte alderdiok neurria legitimatzeko. Neurri honek inbertsioa handituko omen du eta beraz enplegua. Hau da erabilitako argudio nagusia eta ez da balekoa. Izan ere, aspaldiko ebidentzia enpirikoak bertan behera utzi du garai bateko mozkinen, inbertsioaren eta enpleguaren arteko ekuazioa Testuinguru honetan ulertu behar da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Gasteizko gobernuak PPren laguntzarekin itundutako Elkarteen Gaineko Zergaren beherakada indartsua. Akordioak datozen bi urtetan zerga honen tasa %28tik %24ra jaistea aurreikusten du (enpresa txiki eta ertainentzat tasa egungo %24tik %20ra beheratuko da). Confesbask-en argudioak erabili dituzte alderdiok neurria legitimatzeko. Neurri honek inbertsioa handituko omen du eta beraz enplegua. Hori da erabilitako argudio nagusia eta ez da balekoa. Izan ere, aspaldiko ebidentzia enpirikoak bertan behera utzi du garai bateko mozkinen, inbertsioaren eta enpleguaren arteko ekuazioa. Esaterako, azken krisialdiko datuek erakutsi dute enpresen mozkinak handitu diren arren inbertsio produktiboa egoera geldikorrean dagoela, baita gurean ere. Irabaziak handitu ahala finantza merkatuetako inbertsioa handitu dena, izaera espekulatzailea eta oso iheskorra den inbertsioa alegia. Eta horrek ez du enplegua era esanguratsuan sortzen. Gainera enpresa produktiboetan txertatu den kapital urriaren parte gehiena ez da enplegua sortzera bideratu, baizik eta zorrak ordaintzera eta kasurik hoberenean ere enplegua sortzen ez duten produkzio eta berrikuntza sistemen hobekuntzara. Azkenaldian egon den enpleguaren hedapen xumea enplegu finko eta osoa zatikatu eta prekarioa bihurtzearen ondorioz eman da neurri handi batean. Bestalde, atzerriko inbertsioa erakartzeko Elkarteen Gaineko Zergaren tasa jaitsiera ona dela ere entzun da argudio gisa. Irizpide hau balekoa da Irlanda edo Luxenburgo bezalako zerga paradisuen kasuetarako, baina horretarako tasa %6,25era jaitsi beharko litzateke. Hori balitz euskal estrategia produktiboaren helburua, industria 4.0 delakoa hutsala litzateke. Ostera, azterketa ugarik frogatzen dute zerga arintzea enpresa transnazionalen kokapen estrategietako faktore moduan oso atzean kokatzen dela. Zerga atzerakada honek gizarte zerbitzu eta prestakuntza publikoen maila eta kalitatea arrisku bizian ipintzen ditu eta, horrenbestez, desberdintasun sozioekonomikoak areagotzeko joera indartzen du.
news
argia-fe06cc3fb0d6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/sasoiko-daude.html
Sasoiko daude
Joxi Ubeda Goikoetxea
2017-12-24
Sasoiko daude Bi Bala taldeak bere ohiko etorriarekin, gatz eta piperrarekin, zorroztasunarekin eta ironiarekin segitzen du. Bertso-rockaren bidetik jarraituz, kantu politak bildu dituzte haien lan berrira, eta urratsez urrats beren ibilbidean aurrera egiten ari dira. Kantuen bidez kritika eta salaketa egiten jarraitzen dute, hitz jokoen bidez, zirikatuz edo zuzenean: "Interneteko birusak eta txertorik gabeko haurrak, adar jartzeen hipotekak ta hipotekaren adarrak; arazo modernoak, entzefalograma planoak, bizitza garantian ote dudan begiratzera noa" ( Arazo modernoak ); "Inork ezin du galdetu baina demokratak gara" ( Muturrekoei jarriak ), "Galdutako borrokak baino okerragoak dira ahaztuak; beldur handirik ez du duintasuna besterik ez daukanak" ( Esku laztuak ). Melodiak, erritmoak eta soinua ere arretaz eta ongi zaindu dituzte, kantuen moldaketak eta nahasketak. Soinu indartsua, trinkoa eta distiratsua gauzatu dute, xehetasunez ondo jantzia baina soberan egon daitekeen apaingarririk gabe. Aipagarriak dira gitarrarekin sortu dituzten marrazkiak eta giroak. Izan ere, denbora batean jendaurreko emanaldirik egin gabe egon dira, urtebete inguru, kantuak ontzeko, eta lan berria egiteko hartu duten denbora horrek bere eragina izan du diskoaren soinuan eta emaitza osoan, diskoa osatzeko lanean murgilduta egon izanak bere fruituak eman ditu. Taldea gero eta ezagunagoa da, eta sasoiko dago. Urte gutxitan, jendaurreko emanaldi ugari egin ditu, eta hiru disko kaleratu: Arazo modernoak lan berriaz gain, Gure eroyak (2015) eta Wasabi (2014). Julen Goikoetxea (bateria), Xabier Etxeberria Pitxu (baxua), Iñaki Gurrutxaga (gitarra eta ahotsa) eta Aitzol Barandiaran (ahotsa) taldean elkarrekin jotzen gustura ari direla eta ederki pasatzen dutela bistan da. Taldeko abeslariak, Aitzol eta Iñaki, bertsolariak ere badira, eta Julen eta Pitxu musikariekin Bi Balaren soinua sortu, finkatu eta sendotu egin dute, eta disko berriarekin aurrerapauso nabarmena egin dute. Hori guztia bertatik bertara antzeman daiteke lan berria aurkezteko egiten ari diren saioetan.
news
argia-b015919c716e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/80-urteko-zigor-eskaera-sei-antifaxistarentzat.html
Zapaldua zapaltzailearekin parekatzeko saiakera
Andoni Mikelarena
2017-12-24
Zapaldua zapaltzailearekin parekatzeko saiakera 2013ko urriaren 12an, ustez, neonazi batzuei eraso egitea egotzita auzipetu zituzten Kataluniako sei antifaxista. Azaroaren 29an amaitu zen epaiketa eta auzitegiak erabakiko duenaren zain daude. Gorroto delituen Fiskaltzak hamabosna urteko kartzela zigorra eskatu du bost akusaturentzat eta lau urte eta erdikoa seigarrenarentzat. Zapaldua eta zapaltzailea maila berean jarri nahi izan dituztela salatu dute auzipetuek. Egoeraren berri emateko Euskal Herrian izan dira eta ARGIAk haiekin hitz egiteko parada izan du. "Kendutakoa berreskuratzeko, kolektiboki bizitzeko, ikasitakoa desikasteko", hala dio atearen gaineko idatziak. Tolosako "kaleko eskolan" sartu gara. 30 bat gazte daude barruan, Kataluniatik etorritako hiru kidek kontatuko dietenaren esperoan. Fèlix eta Karim 2013ko urriaren 12an Bartzelonan izan zen borrokaldi baten harira auzipetuta daude, Eva euren babes taldeko kidea da. Hitzaldiaren aurretik, "Urriaren 12a. Gorrotoaren kultura eta autodefentsa legitimoa" dokumentala proiektatu dute. Ciutat Morta dokumentala egin zuten Metromuster produkzio etxearekin elkarlanean, beren istorioa kontatu dute auzipetuek. Ikus-entzunezkoan urriaren 12aren izaera politikoa xehatzen dute. Arrazakeriak identitateen eraikuntzan izan duen garrantzia eta faxismoari aurre egiteko askotariko formek duten zilegitasuna lantzen dituzte, besteak beste. "Dokumentala une politiko egokian etorri da, jendeak gertukoa sentitzen du", uste du Fèlixek. Kataluniako hiru kideekin arratsaldean, luze eta zabal aritzeko aukera izan dugu, kasua goitik behera azaldu dute. Diadatik Hispanitatearen egunera 2013. urteko urriaren 12an, Hispanitatearen eguna ospatzeko, milaka espainiazale elkartu ziren Bartzelonan. Ez zen aurreneko aldia. Aurreko urtean, lehenengo Diada independentista jendetsuaren ondoren, eskuin muturreko talde eta elkarte espainiazaleek ekitaldiak antolatu zituzten Kataluniako hiriburuan. Ciutadans, PSC eta Alderdi Popularraren babesa lortu zuen Katalunia plazakoak, nahiz eta tartean elkarte faxistak egon. "Aurrez ere elkartu ohi ziren talde ultraeskuindarrak Bartzelonan urriaren 12an, baina 2012koa berezia izan zen. Beste alderdi eta talde batzuekin elkartuta antolatu zuten kontzentrazioa, itxura demokratikoagoa eman zioten nolabait esatearren", dio Evak, auzipetuen elkartasun taldeko kideak. Aurreko urteko "arrakasta" ikusita, berriz ere Bartzelona "betetzeko" deia egin zuten 2013an. Espainiako talde eta eskuin muturreko alderdi ugarik Kataluniako hiriburura joateko autobusak antolatu zituzten. Ez zen kasualitatea. Hilabete lehenago Via Catalana izeneko giza-kate erraldoia egin zuten independentzia zaleek irailaren 11n. "Absoluzioa onartuko dugu bakarrik, bestela antifaxismoa kriminalizateko saiakera honetan arrazoia emango diegu" Faxisten mehatxuei erantzuna Hasi da dokumentala eta gazteak adi daude azpitituluek ekarriko dutenaren esperoan. Neonazi batzuk ageri dira. Bandera frankista esku batean eta bestearekin erromatarren agurra egiten ari dira. Bai, urriaren 12ko irudiak dira. Hispanitatearen eguna gerturatu ahala mehatxuak ugaritzen hasi ziren sare sozialetan. Katalunia Plazan kontzentrazioa antolatu zuten "Katalunia gara, Espainia gara" lelopean. Espainia Martxan kolektiboak berriz manifestaziora deitu zuen Sant Jaume plazatik Montjuic parkera. "Eskuin muturrekoak Santsen elkartu ohi ziren garai batean, baina herritarren presioari esker Montjuic-era bidaltzea lortu genuen", azaldu du Fèlix auzipetuak. Hiriburuko kaleetan zehar ibili ziren faxistak. "Horrelako kasuetan kontramanifestazioak antolatu izan dira beti Bartzelonan", dio Fèlixek. Goizeko zortzietan Sants auzoan jarri zuten hitzordua antifaxistek eta Unibertsitate plazaraino joan ziren, Katalunia plaza ondora, bi deialdiek bat egiten zuten lekura. Ekitaldiak bukatu ondoren 16:30ak aldera, neonazi eta antifaxisten artean borrokaldi bat izan zen Sants auzoko taberna batean. Faxistek lesioengatik salaketa jarri zuten Esquadra Mossoen aurrean. Salaketa hori bere egin zuen Kataluniako Gorroto delituetarako Fiskalak, Miguel Ángel Aguilar jaunak. Ustez borroka horretan parte hartu izanagatik sei antifaxista auzipetu zituen. Bakoitzari hiruna eraso egotzi zien eta hamabosna urteko espetxe zigorra eskatu. Auzipetuek ez dakite zer gertatu zen Santsen, eta ez dute, egozten dieten borrokaldiaz hitz egin nahi. Urriaren 12an Montjuic parkean egindako ekitaldia. Arg: Brais G.Rouco / La Directa Gorroto delitua edonorentzat Bartzelonako auzitegiak gorroto delituak ikertzeko fiskaltza bat sortu zuen 2005ean, Miguel Ángel Aguilar izan da ordutik gorroto delituen fiskala. Evaren esanetan "eskuin muturraren delituak" tratatzeko sortu zuten, izan ere,  gutxiengoak babestea zuen helburu. Desberdinak ziren horiek, desberdinak izateagatik zapaltzen zituztenak zigortzea. "Orain, ordea, jarrera politiko baten aurkako tresna bihurtu da", dio Karim auzipetuak.  Urriaren 1eko erreferendumaren ondoren, Kataluniako herri ugaritan guardia zibilak zeuden hotelen aurrean protesta egiteagatik gorroto delitua egotzi diete hainbat herritarri. Zenbait irakasle ere inputatu dute, eskoletan ustez haurrak "doktrinatu" izanagatik. "Valentzian Israelen aurkako boikot ekintza bat egiteagatik ere gorroto delitua egotzi diote kide bati", azaldu du Evak. "Gorroto delitua edonori aplikatzen hasi dira", salatu du Karimek. Bere funtzioa, beraz, ez du bete, gutxiengoak babesteko sortu zuten Fiskaltza, gutxiengo horien aurkako neurriak hartzen hasi baita. Ustez borroka horretan parte hartu izanagatik sei antifaxista auzipetu eta hamabosna urteko espetxe zigorra eskatu zieten Espainia Martxan, eskuin muturraren apustua Beste irudi gogoangarri batzuk ageri dira aurrealdeko paretan proiektatuta. Aurpegia estalita Generalitatearen ekitaldi batean faxistak sartzen direneko momentua da. Hizketan ari zen pertsonari mikroa kendu eta euren diskurtsoa botatzeari ekin diote. Ez zen ordea faxista batzuen ekintza zoro bat soilik. 2013ko urriaren 10ean hamabi lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak, irailaren 11n Kataluniako Gobernuaren Madrilgo delegazioan sartu eta Diada ospatzen ari zirenen aurka eraso egiteagatik. Falange, Democracia Nacional eta Alianza Nacional erakunde faxisten ikurrak soinean zeramatzatela sartu ziren Blanquernako liburu dendan. Hilabete geroago sei antifaxisten aurkako salaketa jarriko zutenetako batzuek erasoan parte hartu zuten. Espainiako eskuin muturrak hilabeteak zeramatzan proiektu bateratu bat lantzen, ordura arte, oso zatitua zegoen. Lehenengo pausoa 2013ko uztailean hamasei puntuko manifestu bat aurkeztea izan zen. Sinatzaileen artean zeuden, ondoren Blanquernako erasoan parte hartuko zuten kolektiboak, besteak beste. Plataformaren aurkezpen ofiziala egiteko data garrantzitsua jarri zuten mahai gainean: 2013ko urriaren 12a, Bartzelonan. Lau urte geroago, egun hartako gertakarien harira, sei antifaxisten aurka egin den epaiketan, ordea, Poliziak ez du onartu hura ekitaldi faxista bat izan zela. 2012 eta 2013 urteetako urriaren 12an Katalunia plazan egin ziren kontzentrazioak, "Moviment de Espanya i Catalans" elkarteak deituta. 2012tik aurrera ordea, "Espainiako Gobernuaren delegazioarekin elkartzen hasi ziren eskuin muturreko taldeak, eta independentziaren aurkako mugimendu bat sortzeko estrategia adostu zuten, horren harira sortu zuten Somatemps elkartea", Karim auzipetuaren esanetan. "Jendea berehala ohartu zen zein zeuden mugimendu horren atzean", aurpegia ematen zuten pertsonak talde faxistetako kideak baitziren. "Denbora pasa ahala, aurpegia garbitu eta Societat Civil Catalana elkartea sortu zuten", gogorarazi du Karimek. Faxistek estalada erreketa egin ohi dute euren ekitaldietan. Arg: Brais G.Rouco / La Directa Lau urteko nekea Amaitu da dokumentala eta guztion aurrean jarri dira bi auzipetuak eta Eva. Kasua azaltzen hasi da Fèlix eta Karimek lagundu dio. Lau urteren ondoren epaiketara "nekatuta" iritsi direla dio Karimek. Kartzelan ikusten du bere burua berriz ere Félixek, 2014ean atxilotu ostean hilabete igaro baitzuen espetxean. Besteak, berriz, baldintzapean aske geratu ziren. 2014ko urtarrilean atxilotu zituzten eta ordutik ezin izan dute inolako manifestazio edo kontzentraziotan parte hartu, epaileak debekatuta. "Fiskaltzak ez ditu sekula kontzentrazio faxistak debekatu, aldiz, sei akusatuei lau urtez kontzentrazio eta manifestazioetan parte hartzea debekatu die", salatu du Evak. Akordioa aipatuta erantzuna irmoa da, "absoluzioa onartuko dugu bakarrik, bestela antifaxismoa kriminalizateko saiakera honetan arrazoia emango diegu eta horrek aurrekari bat sortuko luke". Gainera akordioa eskaini ziela gaineratu du Karimek, "sei urteko kartzela zigorra eta kideak salatzea, ez genuen onartu, noski." "Faxismoa eta antifaxismoa txanpon beraren bi aurpegi balira bezala erakutsi nahi izan dituzte, bi muturrak" Antifaxismoa jo-puntuan Galderen tartea ireki dute eta halakoetan gertatu ohi den moduan, pertsona batek bizpahiru galdera egin ditu ordu erdian. Lagun batek hasitako galdera ere berak bukatu du, horrek barre algarak eragin ditu "eskolan", dirudienez ongi ezagutzen dute. Antifaxismoaz galdetu du gazteetako batek. Arriskuan dagoena borroka antifaxista bera dela uste dute auzipetuek, horregatik, antifaxismoa batzeko kanpaina diseinatu zuten: "Guztiok gara antifaxistak". "Faxismoa eta antifaxismoa txanpon beraren bi aurpegi balira bezala erakutsi nahi izan dituzte, bi muturrak", dio Evak. Fèlixek ere argi du,"faxismorik ez balego, ez legoke antifaxismoaren beharrik". "Borroka antifaxista kriminalizatzeko saiakera", izan da Evaren ustez. Indarkeria erabili izana leporatu diete, baina Fèlixek uste du ez dela indarkeria "autodefentsa legitimoa baizik". Kanpainan adar ugari landu dituzte. "Desproportzionatu hitza ez dugu erabili, ez baitugu erdibideko erabakirik onartuko, absoluzioa bakarrik", gaineratu du Evak. Babes zabala jaso dute kanpainan, Karimek adibidez, bere herrian izugarrizko elkartasuna jaso duela dio. "Gertukoen laguntza jaso dugu, hala ere, beste zenbait erakunde eta elkartek ere babestu dute gure kanpaina". Sos Arrazakeria eta Unitat aipatu dituzte besteak beste. Unitat "arku ideologiko zabaleko mahaia da". Plataforma per Catalunya alderdi faxistaren aurka egiteko sortu zen, eta Irakeko gerraren aurka egin zuten eragileetatik hasi, PSCtik igaro eta lekuan lekuko asanblada antifaxistetaraino daude bertan. Kataluniako testuinguru politikoak eta honen aurrean PSCk hartutako jarrerak, alderdia plataformatik kanporatzea ekarri du. "Faxismoa esnatzen lagundu" izana leporatu zien Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak duela aste gutxi independentzia zaleei. Polemika sortu zuen adierazpen hark ordea, karga politiko handia du. Faxismoa esnatu izana aipatzeak, garbi adierazten du faxismoak oraindik Espainiako Estatuaren zimenduetan bizirik jarraitzen duela. Zimendu horiek zalantzan jartzeak ekarri du, "a por ellos" ospetsuak Kataluniako kaleak inpunitate osoz hartu izana.
news
argia-ff5a5c52acde
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/green-slow-gabonak.html
Green Slow Gabonak
Miren Artetxe Sarasola
2017-12-24
Green Slow Gabonak Plastikozko jostailuak oparitzetik egurrezkoak oparitzera igaro ginen, lehenik. Egindako opariak oparitzetik egitekoak oparitzera, gero. Orain etxerako banbuzko sushi-kit bat oparitzen dugu. Edo Marokoko tajinetan inspiratutako terrakotazko slow-cooker -a. Are hobeto. Urte osorako Kundalini yoga ikastaroa. Izen-ematearekin batera, Indonesiako Gunung Leuser parke naturala oihan-berritzeko landatuko den zuhaitz-hazi bat erosten ari zara. Egin yoga; salbatu orangutanak. Kalamuzko estera opari. Orain enpresa trendy- etan, langileentzako turroia eta urdaiazpikoa eskaini ordez, Japoniako Nendo dango sisteman inspiraturiko Green Bomb -ak dira gabonsari. Barruan landare aromatikoren baten hazia biltzen duten buztinezko pilotak, loreontzi biodegradagarri eta guzti. Pagotxa.   Badira, ba, bizkotxoak erraz egiteko hauts-zorroak, supermerkatuetan? Ura bota, arrautzak gehitu eta labean sartzekoak? Ba, aspaldi asmatu omen zuten arrautza ere zorroan zeraman errezeta. Ura gehitu eta labera sartzekoa. Ez omen zen saltzen, ordea. Ez zuelako "norberak" egina zela esateko moduko bizkotxorik ematen. Kapitalismoak dena jaten omen du. Gure ahotik jan ere.
news
argia-fafda035680a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/durangotik-kizkitzara.html
Durangotik Kizkitzara
Jakoba Errekondo
2017-12-24
Durangotik Kizkitzara Landareak lantzeko 2018ko gida liburuarekin erotu samartuta nabil batetik bestera. Eromena lehertu da Durangon. Jendeak ikaragarrizko grina du landare kontu honetan; gero eta handiagoa. Batzuk jakin-minez, beste batzuk hau eta hura galdezka, zenbaitek kargu hartu ere bai halako esan izan dudalako, mordoxka bat baita erakustera ere. Horiek ditut gustukoen. Etxean edo herrian zer ikusi eta ikasi izan dutena erakusten dutenen eskola da Bizi Baratzea. Ikasle eta irakasle batera. Eman eta hartu. Irakasle horietako bat Ezkiotik etorri zitzaigun. Aspaldi bila eta aurkitu ezinik dabilen landareren baten galdezka zetorren, eta ikasteko zuena erakusten jarri genuen. Arakatzaz ( Ribes uva-crispa ) zuen gaia. Ez duela aurkitzeko pulamenturik egiten, eta ea non edo han topatzeko aukerarik ezagutzen ote nuen. Ustez bide egokia erakutsi ondoren, beraiek arakatza nola deitzen duten errepikatzeko eskatu nion, eta Ezkion "arkazunea" esaten diotela. Astelehenean, Durangoko sukarrari buelta emateko ahaleginean, sutondotik jarri nuen "arkazunea" hitza eta bere argazkia Bizi Baratzearen Instagramen, eta horma horretatik errebotean baita Facebooken ere. Eta haietan eromena berpiztu. Felixek dio Otxandion "agarratza" esaten diotela, Rosinak Arrietan "angarratza" erantsi, Imanolek Matxinbentatik "indi-mahatsa" diotela. Behin metxa piztuta, neroni hasi naiz bateko eta besteko hitz biltegietan: arakatx, algarratx, algarratz, argarrax, argaratxe, larmats, larre-mahats, lahar-mahats, mahats-lahar, urritxilu eta zenbaitek baita arkakarats ere. Frantsesek "berdelaren arakatza" deitzen diote. Inondik ere, arrain horren laguntzaile jateko ohitura dute. "Arkazuna" deitzen dioten Ezkiotik ez da urruti Itsasoko Kizkitzako ermita, berdel arrantzaleen debozio bereziko ama birjina duena.
news
argia-be1cc1d54533
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/sozietate-zerga-eaen.html
Hamar urtean erdira jaitsi da
Urko Apaolaza Avila
2017-12-24
Hamar urtean erdira jaitsi da Urtearen amaierak erreforma fiskala ekarri die opari Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko enpresei: Sozietate Zerga lau puntu jaitsiko da, EAJ, PSE eta PPren arteko itunari esker. Lehiakortasunaz eta erakargarritasunaz hitz egiten dutenentzat beharrezkoa omen. Baina egiaz, zenbat ordaintzen dute enpresek? Eta nola eragin dezake zerga atzerakadak gastu publikoan, ongizatean eta enpleguan? Datuak eskuan, oinarrizko galdera batzuk erantzuten saiatuko gara. "Badago tartea Sozietate Zergarekin diru gehiago biltzeko". Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak hitz horiek erabili zituen joan den maiatzean, iradokitzeko zergak igotzeko aukera zabalik zegoela. Haren ustez euskal enpresariek ez dute beste toki batzuetan baino gehiago ordaintzen. Esaldiak harrabotsa sortu zuen botere ekonomiko, patronal eta foru instituzioetan. Urte erdi eskas geroago, igaro gara enpresei zergak igo behar zaizkiela imajinatzetik azken aldiko beherakada handienetakoa egitera: konpainia handien gaineko tasa nominala %28tik %24ra pasa da eta enpresa ertain eta txikiena %24tik %20ra. Hori guztia, duela gutxi Sozietate Zerga hamarreko bat ere mugitzearen kontra zegoen PSEren baimenarekin. Jeltzale eta sozialisten pirueta akrobatiko horretan sartzen da, baita ere, EAEko Aurrekontu Orokorrak onartzea –PPrekin abstentzioa adostuta– ezusterik ezean hil honen 22an Eusko Legebiltzarrean. Confebask enpresarien elkarteak txalotu egin du akordioa eta azpimarratu du negoziatzeko "eredu propioa" ezarri dela. Hiru alderdi horiek (EAJ, PSE eta PP) bloke ekonomiko handi bat osatu dute de facto "egonkortasunaren" izenean, lurralde historikoetarako ere balio duena, Arabako kontuekin ikusi dugun bezala. Azpiazuri belarrondokoa Enpresei zergak jaitsita, diru gehiago izango dute bederen langileei soldatak igotzeko... Horrela pentsa zezakeen herritar apalak akaso, eta Azpiazuk ere igoal hori pentsatu du berrikitan eskatu duenean enpresek eta sindikatuek soldata igoerak hitzartu ditzatela –Lan Harremanen Kontseiluko azken txostenaren arabera, 2008tik hona %5 gutxitu da langileen eros ahalmena–. Beste behin belarrondoko galanta eman diote patronaletik: "Oso erosoa da igoera eskatzea pagatzen duena beste bat denean", erantzun dio Iñaki Garciñuno Cebek Bizkaiko enpresen elkarteko buruak Herri Irratiarekin egindako elkarrizketa batean. Sozietate Zergarekin pasa dena ikusita, zeinek daki hurrengo urtean Olentzerok ez ote dien langileei soldata igoera beharrean jaitsiera ekarriko paperean bilduta... Urrian egin zen Euskal Finantza Kontseilura bidean Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako ahaldunak hurrenez hurren; Bizkaikoak, Unai Rementeriak, gogor kritikatu ditu Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuaren asmoak enpresei zergak igotzeko, askoren ustez EAJko "barne borroka" horretan garaile atera da gainera. (Argazkia: Irekia) Elkarrizketa berean, Garciñunok ziurtatu du soldatak igotzeak ez dakarrela halabeharrez kontsumoa handitzea edo ekonomia dinamizatzea: "Langileak bere ekonomia saneatzeko edo kredituak amortizatzeko erabil dezake igoera hori". Eta nahi gabe, hankaz gora jarri du enpresei zergak jaistea eskatzeko patronalak erabili ohi duen argudio nagusietako bat: soldata igoerak kontsumo igoera halabeharrez ekartzen ez duen bezala, zerga jaitsierak ere ez baitu esan nahi enpresak gehiago inbertituko duenik enplegua sortzeko. Izaera espekulatiboa duten beste inbertsio batzuk gailentzen dira askotan, Mikel Zurbano EHUko irakasleak ARGIAren zenbaki honetan ("Zerga atzerakada", 17. orrialdean) esan duen moduan. Zerga jaitsieraren kaliza Paul Krugman Ekonomia Nobel saridunak azaldu duenez ( El País , 2017-11-17), egiaz, negozioaren mundu erreala ezagutzen duten enpresetako kontseilari delegatuek ez diete kasu gehiegi egiten zerga tasei, ez omen dira faktore garrantzitsua inbertitzeko orduan. Donald Trumpen zerga erreformaz ari da Krugman noski –enpresen gaineko presio fiskala %35etik %20ra jaistea ekarriko duena–, zehazki, estatubatuar presidentearen ekonomia aholkulari bati gertatu zitzaiona kontatu du: "Goi mailako exekutiboekin bildu zen eta galdetu zien ea zergak jaitsita nork uste zuen kapital gastuak igoko zituela. Gutxi batzuek jaso zuten besoa". Pasadizo horrek erakusten du noraino den auzia ideologikoa, noraino zerga jaitsieraren kaliza "eskuindar ideologoen iruditeriaren" parte, Krugmanek dioen bezala. Soldata igoerak kontsumo igoera halabeharrez ekartzen ez duen bezala, zerga jaitsierak ere ez baitu esan nahi enpresak gehiago inbertituko duenik enplegua sortzeko Zer punturaino gurean ere da horrela? Arantxa Tapia Ekonomia sailburuak berak aitortu du Sozietate Zergaren tasa nominala jaistearen helburua dela "soilik hori" begiratzen duten atzerriko inbertsioak erakartzea ( El Diario Vasco , 2017-12-11). Argazki fiskala txukundu eta "kanpo irudia" saldu beharreko zerbait da Cebeken esanetan. Marketing pixka bat, beste tokietako neoliberalek lurralde aske bat ikus dezaten gure herrian euren enpresentzat. Ideologia. Eztabaida pil-pilean Zergaren erreforma 2018ko urte hasieran tramitatuko da eta itxura guztien arabera martxora arte ez da onartuko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzar nagusietan, urtarrilaren 1eko atzeraeragintasunez. Denbora horretan egongo da zeresanik eta bestelako ekimenik hala ere. Joan den ostegunean Eusko Legebiltzarreko plenoan Elkarrekin-Podemosen mozioa eztabaidatu zen fiskalitatearen inguruan; gehien duenak, "apenas" ordaintzeaz gain, "beherapentxo fiskalak" egiten zaizkiola salatu zuen talde horretako kide Julen Bollainek. Mozioa ez zen aurrera atera, baina saio monografiko bat egitea eskatuko dutela iragarri dute Elkarrekin-Podemos eta EH Bilduk. Sozietate Zergaren aldaketa sustatu duten EAJk eta PSEk azaldu dute tasa nominala jaitsi bai, baina tasa efektiboa –azkenean egiaz ordaintzen dena– igo egingo dela kenkari eta hobarietan aldaketak egin dituztelako "kontraprestazio" moduan, Idoia Mendiaren esanetan. Horrek diru-bilketa handituko duela diote, eta enplegua sortu, eta justizia fiskala egin –enpresa handiak baitira kenkariak gehien baliatzen dituztenak zerga gutxiago ordaintzeko–, eta egonkortasuna ekarri... Hala al da? Beste hainbat galdera egin dizkiogu gure buruari, oinarrizko galdera horri erantzuteko. 1) Zenbat ordaintzen dute enpresek? Euskal Finantzen Kontseiluak, paparra ateratzeko moduko datua eman zuen urrian azkeneko aldiz bildu zenean: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ogasunek krisiaren aurreko "giharra" berreskuratu eta 2007ko diru-bilketa historikoa gainditzea lortu dute 2017ko ekitaldiko datuei erreparatuz –%10etik gorako igoerak izango dituzte aurre ekitaldiarekin konparatuta–. Baina diru-kutxa publikoari egiten zaion ekarpenean oso joera ezberdinak ikusten dira soldatapekoen PFEZ zergari edo eta Sozietate Zergari begiratuz gero. Sindikatu eta eragile sozialek askotan ohartarazi dute zerga politikak eguneroko bizitzan eta zerbitzu sozialetan zuzenean eragiten duela. Goiko irudian, Bilbon fiskalitate justu bat eskatzeko giza-katerako deialdia, 2017ko ekainean. (Argazkia: Argazki Press / Luis Jauregialtzo) Sozietate Zergarekin enpresek ekarritakoa erdira jaitsi da hamar urtean: 2007an 2.034 milioi euro bildu ziren eta 2016an berriz 1.003 milioi baino ez dira izan. EAEn tributatzen duten enpresek, hortaz, pastelaren %7,7 baizik ez dute jartzen, Espainiako Estatuan berriz %12. Azpiazuk, hain zuzen, datu hori jarri zuen mahai gainean "algodoiaren froga" gisara, nabarmentzeko euskal enpresek zerga baxua ordaintzen dutela. Azken urteetan gainera, kopuruak berdin-berdin egin du behera –2017ko ekitaldiko aurreikuspenek diote joera hori apurtuko dela lehen aldiz–, krisia gaindituta enpresek mozkinak handitu dituzten arren. Lan errentetatik PFEZ bidez lorturikoa, aldiz, igotzen joan da eta %35 suposatzen du jadanik; gainerakoa zeharkako zergen bidez ordaindutakotik biltzen da, batez ere BEZa. 2) Beste tokietako enpresek baino presio fiskal handiagoa dute? 80ko hamarkadan enpresen gaineko presio fiskalaren batez bestekoa %45 eta %40 artean zegoen mundu mailan Tax Fundation AEBetako think tank kontserbadorearen arabera. Baina Tatcherismoak eta laissez faire ("utzi egiten") doktrinak ekarri dute enpresak gero eta gutxiago zergapetzea: OECD Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeen artean %32koa zen tasa 2000. urtean, eta orain berriz apenas iristen da %25era. Europan Sozietate Zergaren pisua BPGaren %2,5 baldin bada (Eurostat), EAEn %1,5 da –Nafarroan are eskasagoa, %1,2–, askoz gutxiago beraz Euskal enpresari elkarteak askotan azaldu dira kexu, esanez gutxien ordaintzearen karreran atzean geratu direla orain arteko %28arekin –lurraldeotan gehiengo diren enpresa txiki eta ertainek %24ko tasa dute, nolanahi ere–. Baina enpresek ekarritakoa konparatzen badugu herrialde baten ondarea kalkulatzeko erabiltzen den Barne Produktu Gordinarekin (BPG), oso bestelako datua daukagu: 3) Zeinek ordaintzen du eta zeinek ez? Azaro amaieran zerga erreformari buruzko bilerak eta akordioak azkartu zirenean, datu esanguratsu bat eman genuen ARGIAren webgunean, ELA eta LAB sindikatuek helarazita: EAEko enpresen %78k ez du Sozietate Zerga ordaintzen. Zehazki, enpresen %55ek galerak aitortzen ditu eta beste ia %23k dio ez duela saldorik edo 6.000 euro baina gutxiago irabazi duela, Ogasunari aitortu behar ez izateko. Horretarako, kontabilitatean doikuntzak egiten dituzte edo emaitza positiboei erreserbara egindako ekarpenak kentzen dizkiete, besteak beste. Kontuak hutsean uzteko enpresa askok erabiltzen duten mekanismo ohikoena da aurreko urteetako galerak konpentsatzea –15 urte egin dezakete atzera, krisiak bete-betean jo zuen garaira alegia–. Orain arte galera horiek mugarik gabe usatu zitzaketen, baina zerga erreformarekin %70eko langa izango dute enpresa txiki eta ertainek, eta %50ekoa handiek. Mekanismo hori erabiltzen duten enpresen gehiengo zabala tamaina txikikoa da ordea. Gipuzkoan, esaterako, galerak konpentsatu dituzten enpresen %97k 50 enplegatu baino gutxiago dute. Hala, ez da ziurra hortik bildutako dirua nahikoa izango ote den Sozietate Zergaren tasa nominalaren beherakadari aurre egiteko. Zerga-oinarri positiboa duten apurrek, bestalde, kenkariak aprobetxatzen dituzte are gutxiago ordaintzeko. Zalantza horien aurrean, Iñigo Urkullu lehendakariak erreforma "osotasunean" ikusi behar dela esan zuen Legebiltzarrean: kenkari batzuk zorroztu dituzte I+G+i arloan, eta horrez gain gutxieneko tasa lau puntu igo dute %15-17raino. Hori guztia kontutan edukita zein izango da azken balantzea? Ignacio Zubiri Ogasun Publikoko katedradunaren kalkuluen arabera, enpresek 150 eta 200 milioi euro artean aurreztuko dute azkenean, hau da, per capita edo pertsonako 100 euro. 4) Nola eragingo die aurrekontuei zerga erreformak? Eusko Jaurlaritzak 2018ko aurrekontu proiektua aurkeztu zuenean "inoizko handienak" direla nabarmendu zuen: 11.486 miloi euro. Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko EAJko bozeramaileak "pertsonak eta auzolana" ardatz dituela nabarmendu zuen abenduaren 11ko plenoan. EH Bilduren taldetik Maddalen Iriartek erantzuna: "Aurrekontu hauek enpresarioei oparitu zaien kontraerreforma fiskalaren ondorio dira, 155arenak eta Confebaskenak". ELAk ere kritika zorrotza egin eta "antisozial" deitura jarri die. Aurrekontuen murrizketa erabat lotuta dago diru-bilketarekin, zorraren ordainketarekin eta defizit mugarekin, sindikatuen ustez. ELAk eta LABek Sozietate Zerga aldatzeko akordioaren aurrean elkarrekin egindako prentsaurrekoan, "gastu-araua" gogorarazi zuten.   Sindikatu abertzalearen arabera, diru-bilketan 2007ko mailara itzultzea lortu da, baina denbora horretan BPGa %10 gehiago dela kontuan izanda, duela 10 urteko egoera berdintzeko 1.375 milioi euro gehiago bildu beharko lirateke. Hala ere, aurtengo likidazioan 478 milioi euroko superabita izango du Jaurlaritzak. ELArentzat "gezurra" da aurrekontuak handitu direnik: zifra osoari kenduz zorra ordaintzeko jarri beharrekoa eta AHT egiteko Espainiako Gobernuari aurreratutako dirua, 2009an baino 200 milioi euro gutxiago dauka erkidegoko administrazioak bere partidetarako. Edo beste modu batean esanda: BPGaren %15 izatetik %12,8 izatera igaro da aurrekontuen pisua. Murrizketa hori arlo zehatzetan nabaritu da. Manu Robles-Arangiz Institutuak egindako azterketa baten arabera, adibidez, osasungintzarako gastu publikoa BPGren %5,3tik %4,8ra igaro da 2009tik hona, eta hezkuntzakoa ere %0,7 murriztu da. Hain zuzen, hori da Hezkuntza publikoaren sektoreak azkenaldiko greba eta protestetan mahai gainean jarri duen kexetako bat: EAEko aberastasunaren %3,8 inbertitzen da Hezkuntzan, baina Unescok %6ko gutxienekoa aholkatzen du, hain justu Europako batez bestekoa dena. Aurrekontuen murrizketa erabat lotuta dago diru-bilketarekin, zorraren ordainketarekin eta defizit mugarekin, sindikatuen ustez. ELAk eta LABek Sozietate Zerga aldatzeko akordioaren aurrean elkarrekin egindako prentsaurrekoan, "gastu-araua" gogorarazi zuten.    Irakaskuntza publikoko greba azaroaren 30ean; besteak beste salatu zuten hezkuntzarako inbertsioa murriztu egin dela erkidegoko aberastasunarekin konparatuta. (Argazkia: ELA) Arau horrek 2011ko Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluaren erreforma du oinarri eta sabai bat ezartzen du gastu publikoarentzat. Hortik gora zorra ordaintzera bideratuko litzateke. 2017ko uztailean Espainiako Kongresuan onartu zen –EAJ eta UPNren aldeko botoekin, besteak beste– erkidegoek gehienez ere %2,5eko hazkunde nominala eta 2020rako defizita zero izatea. Sindikatuen ustez foru-ogasunek horregatik egingo diote "uko" diru-sarrera bati enpresei zerga jaitsiz: "Aurrekontu politika eta fiskalitatea parean doaz".
news
argia-629c01eacd4b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/bazterren-aroa-behingoz.html
Bazterren aroa, behingoz
Kattalin Miner
2017-12-24
Bazterren aroa, behingoz Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman digun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi diguzue! Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu ditudalako igandearekin; Maialen Lujanbiorenarekin. Zeren, lagunok, bidea ederra izan da, baina urdaila ere uzkurtu izan zaigu batzuoi sarri. Izan ere, ez dakit badakizuen, baina Bertsolari Txapelketa Nagusian, apenas neurtzen ari garen nork egiten duen hobekien bertsotan (bai, barkatu hala, braust botatzea). Beno, hori ere neurtzen omen da, baina beste parametro batez ere ari gara, beste esanahi batzuez. BTNko finalean zehazki gauza asko erabakitzen, kontsentsuatzen eta onartzen ditugu (bertsotan hobekien nork egiten duenaz aparte). Erabakitzen baitugu, zer den kultura. Erabakitzen baitugu zer den euskaraz egitea edo nola egin behar litzatekeen. Erabakitzen eta finkatzen dugu, zein bertso-joera gailenduko den. Zer den bertsotan egitea. Zer den ederra, eta zer edertasun saiakera. Zein doinu den atsegina, eta beraz, zein doinuk biziraungo duen plazan, eta zeinek ez. Zein mundu ikuskera eskertzen den. Zerk eragiten dion Euskal Herriari eta zerk munduari. Zer moduz datozen neskak aurten. Zein diren egungo gai sozialak. Zer den politikoa eta zer ez. Zer den umorea, zeri egin diezaiokegun barre eta zeri ez (nahiz barreak ihes egin). Zein puntutaraino onartuko dugun feminismoaren hau, edo non jarriko diogun muga. Zer den fikzioa eta zer norbere galbahetik kantatzea. Nork ordezkatzen gaituen kulturalki. Zein anitzak (ote) garen. Euskara zenbat maite (eta erabiltzen) dugun (eta behar genukeen). Transmisioan ondo gabiltzan edo ez. Epaileak objektibo izan daitezkeen edo ez. Zer ekarri erdigunera eta zer utzi atzean. Gutxi gorabehera. Eta igandearekin, herri honek erabaki du, berriro (esango nuke urte batzuk kostata) nork ordezkatzea nahi duen. Euskal kulturaren adierazpide gorenetako batean, nork eraman(go) duen gidaritza, eta ondo ez dakigun arren, nora eraman(go) duen bertsolaritza. Ez, BECen, lau urtetik behin ez dugu erabakitzen nork egiten duen hobekien bertsotan. Lau urtetik behin, paktu sozial bat egiten dugu (adostasun gehiago edo gutxiagokoa), eta erabakitzen dugu, nork hitz egingo duen gutaz, eta nork hitz egingo digun guri eta zertaz. Beraz, ulertuko didazue, Lujanbiorenagatik pozteaz gain, zer horrekin nagoela txoratzen. Lujanbiori eskertu egiten diodala, erraietatik, egindakoa, baina entzuleok, euskarazko komunitate honek, transgenero, yonki, puta, migrante, arrazializatu baten ahotsa onetsi du paktu kolektibo baten bidez; eta horrek oso harro sentiarazten nau. Izan ere, jakina da, nik maite, bazterrak maite ditudala ezeren gainetik. Milesker beraz, Lujanbiori, eta paktu hori berretsi dugun guztioi. Bejondeizuela.
news
argia-ed53086cc133
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/kontuan-izaten-dugu-erantzunkidetasun-soziala.html
Kontuan izaten dugu erantzunkidetasun soziala?
Itsaso Zubiria Etxeberria
2017-12-24
Kontuan izaten dugu erantzunkidetasun soziala? Ez da hainbeste denbora Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE) kontzeptua ezagutu nuela. Izena behintzat orain bizpahiru edo gehienez ere lau urte jarriko nion, agian ordura arte nire inguruan naturalki ikusi edo bizi izan nituen zenbait praktika eta egiteko moduri. Baina orain ESE da, gure mikroan bederen, modan dagoen hitza. ARGIAn ere zenbat aldiz idatzi dugu honi buruz? Zenbat esperientzia kontatu eta hausnarketa plazaratu ditugu? Ez daukazu erantzun beharrik, irakurle; asko, badakit. Baina guk idazten dugun hori egiten al dugu gero etxe barruan? Farapi produkzio kooperatibak parte-hartze prozesu bat bideratu du ARGIAn azken hilabeteotan, enpresak duen erantzunkidetasun sozialaren inguruan. Farapik tresna bat sortu du gaia erakunde eta enpresetan lantzeko: diagnostikoa egin eta emaitzen araberako lan ildoak markatzeko. Erantzunkidetasun sozialeranzko bidean jartzeko, edo bidean direnek hobekuntzak egin ahal izateko. Kasu honetan, Beterriko Garapen Agentziarekin elkarlanean eman ditu lehen pausoak kooperatibak tresna hau eskualdeko hainbat enpresatan aplikatzeko. Baina nola neurtzen da erantzunkidetasun soziala? "Enpresak dirua irabazteko soilik antolatzen dira normalean", azaldu digu Nico Foroni Farapiko kideak. Baina zein inpaktu dute ingurumenean, gizartean edo lurraldetasunean? Bederatzi irizpideren inguruko hausnarketa lantzen da lehen saio hauetan; hornitzaile eta bezeroekiko harremana, langileen baldintzak, ingurumena edo parte-hartzea, esaterako. ARGIAk gai hauek aurretik ere landuta dituela nabaritzen dela azaldu digu Nico Foronik. "Bederatzi irizpideetan oso emaitza onak eman ditu, baina baditu gauzak hobetzeko, eta horri heldu behar zaio orain", dio. Hiru mailatan banatzen da ibilbidea. ARGIAk lehenengoa egin du, diagnostiko eta hausnarketarena. Hortik abiatuta, bigarren fasera pasako da: jada emaitzak eskuetan izanik, hobekuntza plana jarriko da martxan, eta epe ertainera eman beharreko pausuak markatuko dira.
news
argia-9f13a85f0a9e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/milouda-el-hankari-amazigera-ekintzailea.html
"Gure hizkuntzak ez zuela ezertarako balio sartu nahi izan digute buruan"
Miel Anjel Elustondo
2017-12-24
"Gure hizkuntzak ez zuela ezertarako balio sartu nahi izan digute buruan" Milouda El Hankari ekintzaileak amazigeraren tarifit aldaera du ama hizkuntza. 1968an jaio zen Al-Hoceiman (Rif eskualdean, amazigeraz Arrif). Garabide erakundeak eratua duen hizkuntza gidaritzari buruzko ikastaroan izan zen iragan urrian Aretxabaletan (Gipuzkoa). Txantxa egin diguzu zure deituraren lepotik. Bai, nire deitura El Hankari-k, kasik "lehendakari" hitzaren hots bera baitu.Kar, kar… Ez zara Arrifeko lehendakari, bistan da... Ez, Arrifen jaiotako ekintzailea naiz. Soziologia ikasi nuen, Cádizen (Espainia) bizi naiz gaur egun, gure identitatearen eta gure kulturaren alde borrokan, gure herriarentzat era guztietako hobekuntzak nahi baititut, denok sartzeko moduko herri bat, Marokoko dibertsitate guztia aintzat hartuko duen herrialdea. Askok ez du usteko, baina Maroko asko dira Marokoren barnean, hamaika identitate eta kultura ditu. Nik herrialde demokratiko bat nahiko nuke, denok sartzeko moduko bat. Denok, eta hizkuntza guztiak. Ez zait gustatzen hizkuntza nagusi bat izatea, batetik, eta mendeko mordoxka, bestetik. Denok –eta hizkuntza guztiok–, dugu berdintasunez bizitzeko eskubidea. Egoera ez da erosoa, zentralismo handia baitago Marokon, eta periferiak bazterturik baitaude. Arrifekoa, hala ere, kasu berezia da, inoiz ez baitu izan sumisio harremanik Marokoko Gobernuarekiko. Bere historia eta bide propioak egina da Arrif. Hor ditugu 1921eko Abdelkrim Jatabik aldarrikatutako errepublika –Afrikan inoiz eratutako lehena, 1921etik 26ra bitarte iraun zuena–, edo 1958-59an izaniko borrokak eta Hassan II.ak eragindako genozidioa, kasu. Eta orduan bezala orain, ez dugu nahi berdinetik berdinera jardutea besterik, gure kultura eta gure hizkuntzaren jabe eta gutxieneko ongizatea izatea: azpiegiturak, ospitaleak, unibertsitateak… 1958-59ko erreboltaz gero, zona militarizatua izendatu zuten Arrif, eta izendapen horrexekin irauten du. Mohamed Xukri idazleak zioen Arrifetik Tangerrera egin zuela, mendietan jatekorik ere ez zuelako. Ezer ez. Bada laborantzarik, baina bizirauteko lain besterik ez du ematen. Ez dago terreno handirik, eta itsasoa bertatik bertara izanagatik ere, arrantzaleek ez dute aski itsasontzirik arrantzari behar bezala ekiteko. Gaurko egunean, emigranteek bidalitako dirua eta cannabis-a dira ondasun iturri bakarrak. Hainbat hizkuntza hitz egiten dira Marokon. Arabiera klasikoa dugu batetik, hizkuntza estandarra, hitz egiten ez dena, baina eskolan irakasten dena. Albistegietan, testu idatzietan, literaturan eta gainerakoetan erabiltzen den hizkuntza kultua duzu. Bestalde, kalean, marokoar jatorrikoek berbereraren eta arabieraren tarteko dahira hitz egiten dute, eta bestalde, amazigeraren hiru aldaera ere hitz egiten dira: tarifit Arrifen, tamazig han eta hemen, eta taxelhiyt Atlasean. Zertan da amazigeraren egoera gaur egun? 2011z gero, amazigera ofiziala da Marokon, arabierarekin batera. Ofizialtasun hori, dena den, paper errea da, ez baitago, adibidez, epaitegietara joan eta amazigeraz mintzatzerik. Ofizialtasun hala-moduzko horrekin batera, amazigera kulturaren eta hizkuntzaren Ircam institutua eratu zuten, eta horrek hizkuntza bisualizatzeko balio izan du. Aitortua ez izatetik eta, are, pertsegitua izatetik, aitortua eta ofiziala izatera igaro da amazigera. Ircam institutua eratu zuten, baina institutuak hizkuntzaren estandarizazioa lagundu beharrean, oztopoak jartzen dizkigu, alfabeto operatibo, erraz eta teknologia berrietan erabilgarri den bat aukeratu beharrean, tefeina alfabetoa onetsi baitzuen, Kristo aurreko 3.000. urtekoa, gaur egun balio ez diguna, edo teknologia berrietara egokitzeko dirutza beharko genukeena. "Askok ez du usteko, baina Maroko asko dira Marokoren barnean, hamaika identitate eta kultura ditu" Zentzugabekeria ematen du… Marokoren erabakia da, Ircam institutuaren bidez hartu duena. Arrazoia ere bistakoa da. Aljeriako herri kabilioak alfabeto latinoa erabaki zuenez, Maroko beldur zen amazigera hiztunak batuko ote ziren, indartuko ote ziren. Duela bost urte ezarri zuten gure eskoletan tefeina alfabetoaren irakaskuntza, eta umeek gorroto dute, hain baita gauza konplikatua. Zein da, hortaz, zure borroka? Gizarte mugimenduen baitan sortu nintzen, dela amazigeraren kultur elkarteetan, talde feministetan, giza eskubideen aldekoetan… Horien baitan jaio nintzen, eta horien baitan ari naiz lanean. Eta, bien bitartean, amazigera ikasten dut, ez baitakit zuzen irakurtzen eta idazten. Tarifit halako bat erabiltzen dugu whatsapp eta gainerakoetan, batere estandarizatu gabea. Zein duzue lehentasuna? Amazigera estandarizatzea, hura behar bezala idazten ikasteko. Ahoz ez dugu korapilo bihurririk. Elebakarrak ere baditugu, hainbat, Arrifen. Begira, kontatuko dizut. Oraintxe 55en bat atxilotu ditugu Casablancan, iazko Arrifeko borroken aitzakian preso hartuak. Joan zaio ama semeari polizia-etxera bisitan, eta hizketan hasi zaionean tarifitez, zaindariek ezetz ama horri, buila eta hoska, arabieraz hitz egiteko. Ama, orduan, ez baitaki tarifit besterik hitz egiten, semeari begira gelditu da, malkoa dariola, bisitak iraun duen artean. Hizkuntza ofiziala, omen, amazigera Marokon! Ba ote? Garabideko ikastaldian Jon Sarasuak kontatu zigun istorioa duzu: har ezazu apoa eta sartu ontzi bat ur irakinetan. Laster egingo du jauzi. Aldiz, har ezazu apoa, sartu ontzi bat uretan eta hasi poliki-poliki berotzen. Bertan egosiko da apoa. Horrelaxe gu. Dena galdua da? Ez, gure kasuan, transmisioak irauten du. Nador eta Al-Hoceiman, adibidez, tarifit baino ez da hitz egiten. Atlasen, beren dialektoan mintzatzen dira, eta berdin hegoaldean. Jende askok hitz egiten du amazigera, askok. Emigranteen kasuan, denetarik dago, batzuek hizkuntzaren kontzientzia dute, eta amazigera transmititzen dute. Beste batzuek, aldiz, ez. Gu bigarren mailako hiritartzat hartuak izan gara, gure hizkuntzak ez zuela ezertarako balio sartu nahi izan digute buruan, ez dugula batere balio… Deiturak ere halakoxeak ditugu. Erregistroa abiarazi zutenean, gureek ez zekiten arabieraz. Funtzionarioek, aldiz, ez zekiten amazigeraz. Hala ere, gureen deitura behar funtzionarioek, baina guk deiturarik ez. "Ezizenen bat bada ere!". Eta horrela gara, bata "Herrena", bestea "Burusoila", hau "Betokerra"… eta horrela iraun dute hainbat deiturak. Jasan dugun arabiartzea izugarria izan da, herri eta hirien izenak desitxuratu dituzte. Gure Tetauen –hau da, "begiak"–, Tetuan egin dute arabiera hiztunek, esanahirik ez duen izena. Edo Xauen –"adarrak", alegia–, Chedchaouen egin dute. Lehen esanahia zuenak, esanahirik ez du orain.
news
argia-6bd63d07828b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/julieta-gaztanaga-antropologoa.html
"Boterea ulertu nahi badugu boteretsuak ere aztertu behar ditugu"
Danele Sarriugarte Mochales
2017-12-24
"Boterea ulertu nahi badugu boteretsuak ere aztertu behar ditugu" Buenos Aireseko euskaltegian izan zuen Gure Esku Dago mugimenduaren berri Julieta Gaztañagak, eta politika aztertzen duen antropologoa denez, tira egin nahi hariari. Tira eta tira, antropologoari dagokion jakin-minak ekarri du Euskal Herrira, erabakitzeko eskubidearen inguruko borroka eta eztabaida pil-pilean dauden sasoiotan. Zergatik ikasi zenuen antropologia? Lotsa apur bat ematen dit hau aitortzeak, baina honezkero konpromiso handia erakutsi dut antropologiarekin eta uste dut esan dezakedala: Julio Cortázarren ondorioz ikasi nuen antropologia. Hura da nire idazle kuttuna, haren ipuin batzuk buruz dakizkit, eta bazeukan ipuin bat, Para una antropología de bolsillo izenekoa, eta, ez dakit, erdizka absurdua erdizka misteriotsua iruditu zitzaidan kontua. Eskolan ez genuen sekula ezer ikasi antropologiaz, nire familiako inor ez zebilen horretan, enigma bat zen, beraz. Eta Cortázarren ipuinean nolakoa zen ba antropologia? Egia esan, biguntzeaz hitz egiten du ipuin horretan. Oso testu ona da, ñabardura politiko asko ditu, nahi gabe izanik ere. 15-16 urte nituela irakurri nuen, eta alderdi ludikoa bakarrik harrapatu nion, baina zera azaltzen zuen: den-dena bigun ikusten duen jendeak gauzak bigun ditzakeela, eta alderantziz. Oso ipuin laburra da, Cortázarrek idatzi ohi zituen ohar horietako bat. Edonola ere, antropologiak nola begiratzen dion munduari, horixe erakusten du ipuinak, ez hainbeste zer den antropologia diziplina gisa. Nola begiratzen dio antropologoak munduari? Jakin-min handiz eta errespetuz. Oso gustuko dut beste kontzeptu hau: karitate interpretatiboa. Serio hartzea jendeak egiten duena, esaten duena, sentitzen duena: bizipenak errespetatzea alegia. Orain, pentsatzen hasita, uste dut testu hartan horixe agertzen zela hain zuzen, besteren esperientziarekiko jakin-min umila. Eta antropologoaren begietatik politika aztertzeko jakin-mina, berriz, nondik datorkizu? Badu zerikusirik nire historia pertsonalarekin. Nire familiak indarkeria politikoa jaso zuen Argentinan, gurasoak bahituta egon ziren azken diktadura militarrean, eta, horren ondorioz, politikaren gaia oso presente zegoen nire inguru estuenean, baina ez zen horretaz hitz egiten, eta ni neu eta anaia-arrebak horren beldurrez bizi izan gara beti, txikitatik. Oso gauza sotila zen, ez zegoen inongo mehatxu espliziturik, baina halako desira bat eta beldur bat sortzen zigun politikak. Bestalde, ikasketen hasiera aldera eman nuen antropologia politikoko irakasgaia Mauricio Boivinekin: nire mentore bihurtu zen, lizentziaturako eta masterreko tesiak zuzendu zizkidan, eta ikasketak hasi eta bigarren urtean sartu nintzen bere ikerketa-taldean. Talde horretako kideek asko landu zituzten biak, ez soilik antropologia politikoa ezpada politikaren antropologia, aztertzen zituzten alderdiak, mugimenduak, militantzia, buruzagitza… Nire interesek, nire mentoreen grinak eta talde eder-eder bat topatu izanak, horrek denak lotu ninduen. Oker ez banaiz, peronismoa aztertu duzu. Tira, proiektu politiko zehatzak landu ditut, adibidez, lizentziaturako tesian azpiegitura-lan baten eraikuntza ikertu nuen, handi-handia, Argentinako bi hiriren artean eraiki behar zuten zubi bat, Paraná ibaiaren gainean. Entrerios probintziako peronistek bultzatu zuten proiektu hori. Beste lan batean, berriz, eskualdeak integratzeko prozesu bat aztertu nuen, hura ere hainbat probintziatako peronistek hauspotua. Argazkia: Dani Blanco. Zer eragin dute halako ikerketek? Sarritan, antropologia lotzen da ahotsik ez dutenei ahotsa emateko lanarekin, eta aurreiritzi horrek kalte egiten dio batzuetan gure alorrari, zeren, kide askok esan duten moduan, boterea ulertze aldera boteretsuak ere aztertu behar ditugu, eta ez soilik joko horrek kaltetzen dituenak. Nik, oro har, boteretsuekin egin dut landa-lana, militanteekin ere bai, baina helburua izan da ikustea nola egiten den politika handia, estatugileen eskalan. Ikerketok balio izan didate antropologiara ekartzeko ustez antropologiari ez zegozkion gaiak. Eta aurreiritziak kentzeko, zeren sarritan halako betaurreko batzuk dira, traba egiten digute prozesuak sakonago ulertzeko bidean. Nolako aurreiritziak dira ba horiek? Adibide sinple-sinple bat ipiniko dizut: pentsatu ohi dugu politikariek azpiegiturak egiten dituztela soil-soilik argazki bat ateratzeko gero. Bada, badira beste hamaika arrazoi azpiegitura jakin bat eraikitzeko. Arrazoi hobeak edo okerragoak izan daitezke, baina sarritan ez ditugu ikertzen, zergatik eta aldez aurretik sinetsi dugulako lan horiek egitearen helburu bakarra dela argazkia ateratzea, eta aurreiritzi hori ez da soilik politikoa eta ideologikoa, aurreiritzi kontzeptuala da. Aldez aurretik uste baldin badut zinismo hutsez egin dela dena delako azpiegitura, kalkulu guztiz instrumentalen ondorioz, orduan ez dut aztertuko zer beste arrazoi dauden tartean, adibidez, zergatik egin den azpiegitura hori eta ez beste bat. Izan ere, azpiegitura eraiki aurretik, baliabide ekonomikoak lortzeko borrokak egon dira, eta, nire aurreiritziak direla medio, ez dut horien berririk izango. Behaketa parte-hartzailea izeneko metodologia erabiltzen duzu. Zer da hori? Behaketa parte-hartzaileak esan nahi du ez izatea kanpoan dagoen norbait, jendeari begira laborategi bat balitz bezala. Esan nahi du jendea behatzea, bai, baina parte hartuz. Denbora luzean uste izan zen posible zela behatzaile objektibo izatea, baina sinesmen hori aspaldi ezeztatu zen. Egunerokoak ere garrantzi handia du, ezta? Bai, dena delako espazioan presente egon behar duzu, egunez egun, izan militantzia-espazioan edo kanpainan… Premiazkoa da besteen konfiantza lortzeko eta zeu ere haiekin fidatzeko, eta hori lortzeko ezinbestekoa da behaketa parte-hartzailea, hori ezin da elkarrizketa batekin lortu, elkarrizketatzaile bikaina izanik ere, badaude hizketaren elementuak, bizipenak, egoerak… eta horiek denak egunerokoak erakusten dizkizu, errutinak, nahiz eta batzuetan aspergarria izan. Argentinako euskal diasporari buruzko kontuak ere landu dituzu. Zure abizena ikusita gauza logikoa dirudi, baina interesa ez datorkizu etxetik, ezta? Euskal abizen bakarra daukat, eta Argentinan beti jartzen digute gaizki. Ez da abizen zaila, baina nahasmena sortu ohi du, eta denetik ipini digute, zuzena izan ezik. Orduan, abizenaren inguruko nahasmena dela-eta, aitak azaldu zigun euskal abizen bat zela, baina kito, ez zigun ezer gehiago esan, ez gintuen inoiz eraman euskal etxe batera, ez baitu halakoetan sinesten. Gaztetxoa nintzela izan nuen euskal munduaren berri, lagunen bitartez, eta, gerora, euskara ikasten hasi nintzen interes linguistiko eta antropologikoa neukalako hizkuntza horretan. Non aritu zara euskara ikasten? Euskaltzaleak izeneko euskaltegi batean. Euskal etxe bat da Euskaltzaleak, baina ez da euskal etxe folkloriko bat. Berezia da euskaltegi bat delako, eta euskal munduarekiko maitasuna oso loturik dagoelako hizkuntzarekiko maitasunarekin, zentzu politiko batean. Hori dela-eta, okurritu zitzaidan akaso alor guztiz berri hori txertatu nezakeela nire ikerketa antropologikoan, zeren, peronismoaz guztiz bestelakoa izan arren, Euskaltzaleak loturik dago balio politikoekin, konpromisoarekin, nolabaiteko militantziarekin… Halaxe hasi nintzen diasporako ezker abertzaletasun deritzona ikertzen. Nola sortu zen Euskaltzaleak, eta nolako jendea bildu ohi zarete? Argentinako euskal etxe nagusiaren barruan sortu zen Euskaltzaleak, Laurak Bat etxearen barruan. Munduan dagoen euskal etxerik zaharrena da Laurak Bat, 140 urte beteko ditu laster. Edonola ere, Euskaltzaleak instituzio independente bat izan da hasieratik, eta orain bost urte ezarri zuen bere egoitza fisikoa. Euskaltzaleak oso anitza da, generoaren eta maila sozialaren aldetik, eta hautu politiko oso diferenteak dituen jendea dago. Hemengo ezker abertzaletasunarekin bat egin arren, argentinar gisa oso modu diferentean kokatzen dira bazkideak, eta hori oso interesgarria da, bertako ideologia asko bizi direlako han elkarren ondoan. Euskalduntzeari garrantzi handia ematen dionez, badago euskal arbasorik ez duen jendea, baina hizkuntza interesatzen zaiolako hurbildu dena. Argazkia: Dani Blanco. Buenos Airesen hasi zinen Gure Esku Dago (GED) mugimendua aztertzen. Bai. Euskaltegian ikusi genuen Gazta zati bat dokumentala, eta txundituta geratu nintzen, gogora ekarri zidan lan politikoari buruz egin nuen tesia, nahiz eta konparazio guztiz ero eta oso orokorra izan. Lan politikoa egiteko modu artisau hori, pertsonaz pertsona… oihartzunak ekarri zizkidan. Gero, hasi nintzen gaiaz irakurtzen, eta, garaitsu hartan GED mugimenduko kideek parte hartu zuten diaspora osoa elkartzen zen jardueretan, eta iruditu zitzaidan ikertzeko kasu egokia izan zitekeela. Argentinako euskal diasporan espektro politiko osoa biltzen da, eskuinetik ezkerrera, eta harrigarria iruditu zitzaidan nola zetozen denak bat, Argentinako gaiei buruz ari direnean den-denaz eztabaidatzen dute-eta. Zergatik ote? Hau nik diot, nire izen-abizenez, baina esango nuke denak alde agertu direla oraindik ez dagoelako hautu loteslerik, ikusi nahi nuke ea zer gertatuko litzatekeen, adibidez, kontsulta bat antolatuko balitz. Edonola ere, oso esanguratsua iruditzen zait, eta horregatik azpimarratu nahi nuke, inork ez duela errefusatu, edo, behinik behin, inork ez duela errefusik adierazi publikoki. Babes lauso hori bezain esanguratsua iruditzen zait inork ez errefusatu izana. Hemen, adibidez, errefusatu da. Eta halako batean erabaki zenuen Argentinako mugimendua ez ezik hemengoa ere aztertu nahi zenuela… Beharrezkoa egin zitzaidan, konturatu nintzen gauza asko falta zitzaizkidala: ez nituen ezagutzen beste herri mugimenduak, nola lotzen diren edo ez diren lotzen GEDrekin, alderdien sare politikoa nolakoa den, ez soilik ezker abertzalea ezpada gobernua, nola bizi den hemen gobernuaren eta estatuaren arteko harremana… Diasporan, komunikabideen bitartez baino ez zaigu iristen hori, eta hasiera-hasieratik interesatzen zitzaidan arren hemengo egoera ezagutzea, momentu batetik aurrera ezinbestekoa egin zitzaidan, ezin nuen ikerketarekin jarraitu tokiko errealitatea ezagutu gabe. Beraz, beka bat eskatu nuen, eman zidaten, eta hementxe nago. Irailaren azken egunean iritsi nintzen, eta martxoaren hasieran itzuliko naiz Argentinara. Une gori-gorian iritsi zara. Bai, benetan. Une historikoaren bila ibili izan banintz ez zitzaidakeen tokatuko, eta hara! Kataluniako egoera ispilu bat da, euskal prozesua islatzen duen ispilu bat, bi aldetara. Iritsi eta berehala erabaki behar izan nuen ea Bartzelonara joango ote nintzen, eta azkenean erabaki nuen hemen geratzea eta ikustea nola bizi zen prozesu katalana hemen. Bi mailatan ari naiz prozesua bizitzen: batetik, deialdi eta manifestazio handien planoan, eta, bestetik, egunerokoan, nola hitz egiten den gaiaz tabernan, edo auzoko asanbladan, nola sortzen eta kantatzen diren L'estaca abestiaren bertsioak… Aztertu nahi dut, baita ere, nor eta noiz isiltzen den, jendea noiz ateratzen den kalera, adibidez erreferente kultural eta politikoak modu bidegabean espetxeratzen dituztenean, eta zelako nahasmena dagoen etorkizuneko hauteskundeetarako zerrendekin. Ikusi nahi dut nolakoa izaten ari den procés -aren prozesua, zer ulertzen den eta zer ez, uste dut oso presente dagoela hori hemen, ez dakigu zer gertatuko den Katalunian, eta euskal prozesuarekin ere oso lotuta dago, ez dakigu nolakoa izango den, mesede edo kalte egingo lukeen halako erreferendun handi bat antolatzeak hemen, noiz izango ote den une egokia, jada joan ote den, oraintxe ote den… Iruditzen zait GED oso toki ona dela horretaz guztiaz pentsatzeko ikuspuntu etnografiko batetik.
news
argia-714904b46294
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/eider-rodriguez-idazlea.html
"Literaturarekin ukitu eta zauritu ez ditugun lurralde asko daude oraindik"
Lander Arretxea
2017-12-24
"Literaturarekin ukitu eta zauritu ez ditugun lurralde asko daude oraindik" Sei ipuinek osatutako Bihotz handiegia (Susa) liburua argitaratu du Eider Rodriguez idazle errenteriarrak. Aurrez landutako tonutik asko urrundu gabe, konbikzio berrituekin idatzi ditu ipuinok. Dagoeneko asko egin dituela-eta, bestelako elkarrizketa osatzen ahalegindu gara; eta lortu ere, lortu dugula esan digu. Ez dira oso serio hartu behar idazle batek aurkezpenean esandakoak, baina nonbaitetik hasi behar: Bihotz handiegia rekin idaztearen plazera berreskuratu omen duzu. Denbora asko egon naiz fikzioa idatzi gabe eta beldur pixka bat banuen: eskua galdu izana… Tarte horretan askotan galdetu diot nire buruari: "Idatzi, zertarako?". Baina behin hasita, konturatu nintzen baietz, oraindik ere gustatu egiten zaidala, eta gauzak gertatzen zaizkidala idazten dudanean. Lehenengo liburuetatik hona asko aldatu zaizkizu "zertarako" galdera horren erantzunak? Apur bat bai. Oraingo honetan idatzi dut ni arduratzen nauten gauzei buruz, eta ez horrenbeste nire ustez besteei gustatuko zaien gauzei buruz. Lehenengo liburua azken finean beti da abentura bat, idazle izatea zer den ezagutzea eta abar. Gero bigarrena eta hirugarrena bai izan ziren nolabaiteko inertzian idatziak; eta uste nuen geldialdi luzeago hau kalterako izango zela. Baina iruditzen zait ezetz, konbikzioak indartu ere egin zaizkidala. Gauza asko dauzkagu guk, eta dauzkat nik, kontatzeko eta idazteko. Lurralde eta espazio asko ez ditugu literaturarekin ukitu, zauritu edo zabaldu oraindik. Gainera ni bezalako norbaitengan –adin jakin batekoa, genero jakin batekoa, lurralde jakin batekoa…– gurutzatzen dira hainbat eta hainbat ardatz interesgarriak izan daitezkeenak, edo behintzat beste ikuspegi batetik begiratzeko balio dezaketenak. Zentzu horretan, indartuta idatzi dut, ikuspegia zabalduta. "Iruditzen zait egon dela euskal literaturan ihes egiteko joera bat: gureak bezalako izen-abizenak dituzten pertsonengandik, gu bezalako jendea bizi den herrietatik" Bihotz handiegia ipuina da luzeena. Ohikoa da izenburura ipuin bat eramateko joera, eta oker ez banago, hala egin duzu zuk liburu guztiekin. Alferkeria da, edo ondo biltzen du izenburuak bestela ere liburuaren muina? Badago nire ezin edo herren bat, izenburuak jartzeko zailtasun bat, bai. Asko kostatzen zait, baita besteen izenburuak ondo ulertzea ere. Baina beste plano batean, liburu osoaren tonua biltzen dute bi hitz horiek. Gaixotasun edo akats bati egiten dio erreferentzia; baina aldi berean bihotzak okzidentean duen maitasunarekiko lotura dago; eta gainera, "handiegia" horrek egokitasun falta ere adierazten du. Ipuinotako pertsonaiek nork bere buruari nekez aitortzen dizkion desirak eta pentsamenduak dituzte, baina zaila da nolabaiteko enpatia ez sentitzea. Halako pertsonaiek erakartzen zaituzte eta ezin diezu iskin egin, edo bada hautu bat horren atzean? Nik uste dut haiek aurkitzen nautela ni, baina bizitza errealekoak ere halakoxeak gara. Inguruan dugun pertsona anodinoenak ere halako batean harrituko gaitu auskalo zerekin. Ez zait iruditzen, beraz, liburuko pertsonaiak ez-ohikoak direnik: denak bezain arraro eta sinple dira. Baina, agian, momentu txar edo ez-ohiko batean harrapatu ditut. Esplizituki azaltzen da batzuetan, besteetan ez, baina ipuin asko daude zure errealitate gertukoenean kokatuta. Geografikoki behintzat: Donostia, Hendaia, Errenteria… Iruditzen zait egon dela euskal literaturan ihes egiteko joera bat: gureak bezalako izen-abizenak dituzten pertsonengandik, gu bezalako jendea bizi den herrietatik… Vancouverreko Alice, auskalo nongo Jack… Gure izenekin, gure herrietan, gureak bezalako problemak dituzten pertsonen berri eman nahi izan dut nik. Errealismo horrek asko erakartzen nau: gure miseriak beste zerbaitetan bilakatzeko aukera horrek plazera ematen dit. Donostian hitz egin dugu Eider Rodriguezekin, 'Bihotz handiegia' liburuan ere agertzen den hirian (argazkia: Batiste Ezeiza). Zazpi urte joan dira Katu jendea argitara eman zenuenetik. Tartean, Joseba Sarrionandiaren obra eta itsasoarekin duen harremana aztertu dituzu doktorego tesian. Izan du lan horrek eraginik ipuin hauetan? Neurri batean bai. Hiru urtez beste idazle baten obrari begira aritzeak ematen dizu perspektiba bat: zure lanarekiko, hizkuntzarekiko, bizi zaren tokiarekiko… Horrek onerako eragin dit. Aldi berean, beldurra galdu diot huts egiteari. Oso denbora laburrean idatzi behar izan nuen tesia, egunero aurreratuz… Beste helburu eta erregistro batekin aritzen zara bai, baina muskulua indartzen lagundu didan gimnasia ariketa modukoa izan da, hala ere. Zinema ikasketak egindakoa ere bazara. Ikus-entzunezko lengoaiaren ezaugarrietako bat bada pentsamendu edo gogoetak ekintza eta irudiekin erakustea. Literaturan gogoetei hitzak jartzea errazagoa izan arren, zuk ere maiz jotzen duzu irudietara. Pertsonaien hausnarketa intelektualek pisu handia duen literatura horrek, pentsamenduaren literaturak, asko aspertzen nau. Horretarako nahiago dut saiakera irakurri. Zinemak, orokorrean, beste bide bat hartzen duela egia da, baina baita idazle askok ere: Ameriketan, atlantikoaren beste aldean, ekintza eta dialogoen bidez kontatzen da nagusiki, eta ni ere hor nago erosoen. "Pertsonaien hausnarketa intelektualek pisu handia duen literatura horrek, pentsamenduaren literaturak, asko aspertzen nau" Gorka Arrese Susako editoreak esan duenez, idazle gisa hazi zarelako daude liburu honetan aurrekoetan baino ipuin luzeagoak. Oraingo honetan, ipuin batean kontatu nahi izan ditut istorio bat baino gehiago, eta horrek berez dakar espazio gehiago behar izatea. Kontatu nahi nuena kontatu nahi nuelako atera dira orri gehiagoko ipuinak. Azkeneko ipuinaren abiapuntua da ama batek alabari esaten diola dituen eskuak ez direla bereak. Horrekin egin zitekeen ipuin labur eta efektista bat, baina ez zen hori nik kontatu nahi nuena. Gauza gehiago nahi nituen esan edo erakutsi: bi gorputzen arteko distantzia, ama eta alaba zenbat urrundu ziren, biek ala biek, oso modu desberdinean bada ere, euren jatorritik urruntzeko hartutako joera. Bide batez: ez da Arreserekin lan egin duzun lehenengo aldia, baina Susan editatuko duen azkenetakoa izango da Bihotz handiegia . Nola izan da prozesua? Erraza izan da. Oso presente egon da, baina gainean egon gabe. Berak errespetatu du nire erritmoa eta esango nuke nik ere berea errespetatu dudala. Bera ere, ni bezala, mejoratu egin da adinarekin, eta oso ondo ulertu dugu elkar. Barre asko egin dugu bidean, eta nire momentu neurotikoenetan ere jakin du ni lasaitzen. Pena handia dut Susako editore lana utziko duelako, egia esan. Orain gutxi gorputzek Bertso Txapelketa Nagusi honetan izan duten garrantziaz idatzi duzu. Zure ipuin hauetan ere gorputzak oso presente daude. Beltzek idatzitako literatura asko irakurri izan dut, bereziki Txalaparta argitaletxean lanean aritu nintzen garaian, eta idazle beltzek asko egiten duten zerbait da gorputzari buruz idaztea. Usainak, formak… Emakumezkoek bereziki. Nik uste dut badagoela hor norbera ukitu, usaindu eta paperera eramanez besteentzat ere ukigarri, alegia ikusgarri, egin nahi bat. Nire kasuan ez da nahita egindako zerbait izan, baina a posteriori konturatu naiz baietz, gorputzen deskribapenek, haiekin jolasten duten pertsonaiek, tokia dutela liburuan. Liburuaren azalak ere ondo ordezkatzen du hori. Egia da euskal literaturak ipuin-liburu ugari eman dituela, baina badirudi oraindik idazle batek ez duela pauso definitiboa eman nobela bat idazten duen arte. Zuk ipuingiletzat duzu zure burua? Nik belarri hobea izango banu agian idatziko nuke poesia, edo kalakariagoa banintz, nobelara joko nuke akaso. Baina agian nire ezaugarri pertsonaletara eta nire bizi baldintzetara ondoen egokitzen den generoa ipuinarena da. Ez da ez hobea, ezta okerragoa ere. Egia da ez duela nobelaren prestigio bera, baina beste aukera batzuk eskaintzen ditu. Irakurri denetik irakurtzen dut, hori bai. Horretan ez naiz batere zurruna. "Debaluatutako esparrua da literaturarena, eta hori ez da naturalki gertatzen. Badaude erabaki batzuk, egunero modulatzen gaituztenak" Saiakera idazten ez, baina sustatzeko lanean bai ari zara, Eskafandra bildumaren bidez. Kultur munduko lau lagun hasi ginen hasieran biltzen, asmo jakinik gabe, kultura, euskara eta feminismoa uztartzen zituzten zenbait kezka konpartitzeko. Taldea handitu zen pixkanaka, eta azkenean hortik atera dena izan da bilduma bat, guretzat feminismoan erreferentziazkoak izan daitezkeen liburuak euskarara ekarri nahi dituena. Baina erronka ez da hori bakarrik: liburu horien sustapena egitea eta haietan dauden borrokak gureekin uztartzea ere bai. Gaur eta hemen eragiteko bokazioa du, mundua pentsatzeko bideak proposatzekoa. Silvia Federiciren Caliban eta sorgina atera dugu oraintxe, eta sekulako liburua da, ni asko markatu ninduena. ETBtik kendu duten Sautrela literatur saioko taldean ere hartu zenuen parte. "Analfabetismo kulturala bultzatzen ari dira, arrakasta handiz, gainera", esan zenuen Berrian. Debaluatutako esparrua da literaturarena, eta hori ez da bakarrik naturalki gertatzen. Badaude erabaki batzuk, egunero modulatzen gaituztenak. Literatura ez interesatzeko bezala modulatu nahi izan gaituzte, eta horren ordaina da daukaguna. Kultur politika nefastoen ondoriozko hau. Suizidio komunitario eta programatu bat da, ez bakarrik literaturarekikoa; kulturarekikoa eta hizkuntzarekikoa ere bai. Haserretu egiten naiz gai honekin.
news
argia-a420e5ad2fb0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/ttak-kolektiboa.html
"Aliantzak dira proiektuak garatzeko aukera polit eta bakarrak"
Garazi Zabaleta
2017-12-24
"Aliantzak dira proiektuak garatzeko aukera polit eta bakarrak" Bizkaiko Ttak Kolektiboko kide da David Lopategi. Lantaldea osatzen duten zazpi lagunak lehenagotik ezagutzen baziren ere, Baserritik Mundura ikastaroko lehen edizioan hasi ziren elkarlanean. "Denok genbiltzan lehenagotik elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren inguruan lanean: batzuk baserritarrak ziren, beste zenbait eragile sozialetako kide", azaldu digu Lopategik. Badute batzen dituen beste zerbait ere: "Lan kolektiboaren sinesle amorratuak gara". Lan kolektibo horretatik sortu dute Ttak. Teoriatik praktikara Ikastaroan elkarrekin oso gustura aritu ondoren, sortutako konexioari jarraipena eman behar zitzaiola pentsatu zuten. "Oinarri ideologiko sendoa hartu genuen ikastaroan, eta etorkizunari begirako ideiak ere argitu genituen", dio Lopategik. Horri segida ematen eta teoriatik praktikara pasatzen ari dira orain. Kolektiboaren lehen proiektua Ttak Kontserbak da. Gamizeko (Bizkaia) baserrian ekoizten dituzte elikagai ekologikoak, ondoren Zeberioko Maskilu kontserberan eraldatu eta merkaturatze bide laburretatik edota zuzenean saltzeko. "Zirkuitu osoa ixten duen proiektu honekin lehen sektorean lekutxo bat egitea eta beste eragileekin saretzen joatea da asmoa". Argi dute kontserbena lehen urratsa baino ez dela eta etorkizunean elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren inguruko esparru gehiago landu nahi dituztela. Ekoizpenetik harago Elikadura burujabetza osotasunean ahalik eta gehien garatzea dute helburu. Formakuntza, kolektiboen dinamizazio, sentsibilizazio nahiz kontsultoria lanak egitea, besteak beste. "Paradigma eraldatzailea da elikadura burujabetza, gauza guztiak ukitzen ditu: lurraldeaz ari gara, elikaduraz, harreman sozialez, ekonomiaz, paisaiaren kudeaketaz, ingurumenaz… Gure proiektu kolektiboa horren guztiaren zerbitzura jarri nahi dugu", dio Lopategik. Aurtengo udaberrian sortu berria, denbora laburrean ari da fruituak ematen proiektua. "Prozesu polita izaten ari da, asko eztabaidatzen dugu, eta batez ere, erabakiak adostasunetik hartzen ditugu". Eta jendearen harrera ona ikusita, pozik daude: "Gure apustuari indarra eta ilusioa ematen dio".
news
argia-058a93fc4f72
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/natza-farre-umorea-salbazio.html
"Susmo txarra hartzen diot abenduaren 21ari"
Saioa Baleztena
2017-12-24
"Susmo txarra hartzen diot abenduaren 21ari" Kazetaria, gidoilaria eta idazlea da Natza Farré (Bartzelona, 1972). 2009an Rac1 irrati katalana La competència umore irratsaioaz erditu zenetik, gidoilarietako bat da. Iaz argitaratu zuen bere bigarren liburua, Mikrouhin labeetarako feminismo ikastaroa, Katalunian salduenetako bat. Katalunia salbuespen egoeran murgilduta dago. Nola bizi duzu? Kazetaria naizen aldetik, interes handiarekin bizi dut Kataluniako testuingurua, baina, herritar gisa, ezinegonez lepo. Pentsa ni ez naizela orain ugaritu diren independentista iritsi berri horietako bat. Ni betiko independentisten labekadakoa naiz. Baina institutuko garaian lau katu ginela kontuan hartuta, orain nagusitu den mobilizazioa ikustea kitzikagarria da. Zoritxarrez Espainiako Gobernuaren gupidagabetasunak kezkatuta gaitu. Nola aurreikusten dituzu Mariano Rajoyk deitu dituen bozak? Oraindik ere azaldu behar didate zer gertatzen ari den, nik ez baitut ulertzen. Inposaketak beti haserrearazi nau. Norbaitek azaldu beharko dit noizbait, 2015eko irailaren 27an eta pasa den urriaren 1ean bozkatu nuenak zergatik ez duen ezertarako balio izan. Gure bozak orain arte ez dira errespetatu, eta nork bermatzen du hirugarren hitzordu honetako emaitzak errespetatuko direnik? Susmo txarra hartzen diot abenduaren 21ari. Zer gertatuko da biharamunean? Nazioarteko bitartekotasunik ez badago, orain arte gertatutakoa berretsiko da: Rajoyren gobernuak Espainiaren batasunaz hitz egingo du bakarrik, eta hortik haratago doan guztiari ateak itxiko dizkiote. Beraz, errepresioa mugarik gabe luzatuko da. Kontuak kontu, umorearen bidetik jarraitzen duzu Rac1-en. Zaila da une beltzetan umorea egitea? Zaila da, baina ez hainbeste gertatzen denagatik, baizik eta jendeak egoera bizi duen moduagatik. Bederatzi urte daramatzagu saio hau egiten, eta noski, pertsonalki bizitzako kapitulu gogorrenetan ere buru-belarri aritu naiz: goizean goiz saioa egiten nuen eta arratsaldean hiltzear zen lagun batekin nintzen, adibidez. Hori hala da eta ez dago besterik. Orain gertatzen dena da sentiberatasuna zabalduago dagoela. Entzule gehienek eskertzen dute umorea euren etxeetara eramatea. Baina tarteka kritikaren bat jaso dugu. Adibidez, gobernu erdia atxilotu eta biharamunean horren izkirimiriak egiteagatik. Umorea zure bizitzako hainbat alorretan agertzen da. Baita iaz publikatu zenuen Mikrouhin labeetarako feminismo ikastaroa liburuan ere. Feminismoaren osasuna hobetu al da? Kontzientzia berriak esnarazten ari gara eta, hein batean, independentismoarekin gertatu denaren antzeko zerbait pasa dela esango nuke, puztu da azken urteetan. Tira, liburua katalanez idatzi nuen, diskretua da, eta urte bakarrean sei edizio egin ditugu. Matxismoak berezkoa zuen isiltasuna hautsi dugu eta borrokarik garrantzitsuenen lehen urratsa hori da. Uste al duzu feminismoa matxismoa baino okerrago ikusita dagoela gure gizartean? Zalantzarik gabe. Hori da gure gizarteko paradoxarik handienetako bat. Estereotipoek mugitzen dute gizartea, eta feministak itsusi eta erotzat hartzen dira oraindik. Zorionez errealitatea estereotipoetatik haratago doa. Baina etsigarria da mendetan iraun duen gaitz kroniko hau XXI. mendean salatzen ibili behar izatea. Kazetaria zara. Uste duzu komunikabideok indartzen ditugula aipatzen dituzun estereotipo horiek? Noski. Zorionez telebistarik gabe bizi naiz. Baina lehengo egunean ikusi egin nuen, eta konturatu nintzen garbiketa produktuak oraindik ere emakumeekin lotzen dituztela bakarrik. Tira, estereotipoen kontrako borroka nekagarria da. Politikarien artean parekotasunetik gertuago gauden arren, komunikabideetan gehiago dira beti gizonezkoak. Zergatik? Ez dago aldagai bakarra. Telebistetan, adibidez, gizonezkoak meharrak, potoloak, ederrak zein itsusiak izan daitezke. Emakumezkoak ez. Zoragarriak izan behar dute, gehienetan. Hori berez bada muga bat. Baina ez hori bakarrik; niri pasa izan zait, saioren batera joateko deitu didatela eta, hamaika arrazoi tarteko, ez zaidala bateragarria izan. Gauean bada, adibidez, emakume askok ezetz esan behar izaten dute seme-alabak izanik afaltzeko ordua delako. Besteak beste, etxeko lanak emakumeok egiten ditugulako gehiago oraindik. Tira, gizonezkoek, oraindik ere, malgutasun handiagoa izaten dute. Kataluniako hainbat telebista katetako mahai-inguruetan aritzen zinen lehenago. Zergatik utzi zenuen? Ez nintzelako eroso sentitzen. Telebista zein irrati mahai-inguruen formatua birplanteatu beharko litzateke, ez baitu argudioak behar bezala garatzen uzten, eta beraz, herrenka ibiltzen zara behin eta berriz azaldu nahi duzuna ezin izan duzulako bukatu. Larrituta joaten nintzen lotara, egiten nuenarekin gustura ez negoelako. Zutabeak idatzita hobeki sentitzen hasi nintzen eta horretan nabil. Agian asoziala naizenez idatziz hobeto nago –barrez–.
news
argia-9dc2aa4f66f6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/euskal-herriko-lehen-telekomunikazio-operadore-kooperatiboa-sortu-dute-izarkom.html
Euskal Herriko lehen telekomunikazio operadore kooperatiboa sortu dute: Izarkom
Axier Lopez
2017-12-15
Euskal Herriko lehen telekomunikazio operadore kooperatiboa sortu dute: Izarkom Abenduaren 14an Iruñeko Katakraken aurkeztu dute Izarkom. Euskal Herri osoan telefono zerbitzuak eta Interneterako sarbidea eskainiko dituen lehen telekomunikazio operadorea izan nahi du. Ekonomia sozial eraldatzailean oinarrituta, Izarkom kooperatiba sortu dutela iragarri du atzo Iruñeko Katakrak liburu-dendan. Olatukoop sareko kide, Euskal Herria osoan telefonia mugikorra, finkoa eta Internet zerbitzuak eskaintzen hasiko dira. Interneta oinarrizko eskubide gisa dela argi dute, eta beraz, produktu komertzial gisa eskaini beharrean, "Euskal Herriko edozein biztanlek Interneterako sarbide duina izateko bermea" da Izarkomek lortu nahi duena. Operadore transnazional bakoitzak sare propioa izatea zentzurik ez dutela diote, eta beraz, telekomunikazio sare libre, neutralak eta partekatuak sustatu nahi dituzte. Horregatik, herritarrei eskatzen diete proiektua babestea, parte izatea, kooperatibakide izatea eta ez bezero huts bilakatzea. Tokian tokiko eragileekin hartu-eman handia izan nahi dute. Urtarrilean telefonia mugikorrerako zerbitzua ematen hasiko da eta handik gutxira Internet finkoa. Mugikorren zerbitzua eskaintzeko Orange sarea erabiliko du kooperatibak Hego Euskal Herrian eta Lapurdi, Zuberoa eta Baxenafarroan lan egiteko hornitzailearen bila ari dira momentuz.
news
argia-974b0e50a810
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/irakurleak-galdezka.html
Irakurleak galdezka
Jakoba Errekondo
2017-12-24
Irakurleak galdezka Kaixo Jakoba, permakultura erara jarria dugu baratzea, eta azkenaldian barazki artean perretxiko batzuk ari zaizkigu ateratzen. Zer esan nahi du horrek? Eta desorekaren baten adierazle balitz, zer egin genezake zuzentzeko?    Bego Tapia (Altzo) Kaixo Bego. Perretxikoak azaltzeak gauza bat adierazten du nabarmen: hezetasuna dago. Baina baita ere bizitza asko dagoela lur horretan. Horixe bilatzen da lurrean landareei azpiak egiten zaizkienean. Arazoa izan dezakezu hezetasun hori gehiegizkoa bada eta lehorzaleak diren landareak jartzea. Horri aurre egiteko taulenetan edo baratzeko zatietan tontorrak egin. Lurra bera tontortu edo egurrekin, harriekin edo dena delakoarekin lurra altxa hezetasun horri ihes egin eta lur harroa eta lehorragoa izateko.
news
argia-4e420f10ba33
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/transmisio-uhal-aldrebestua.html
Transmisio uhal aldrebestua
Bixente Serrano Izko
2017-12-24
Transmisio uhal aldrebestua Lekutan, tiradera batean bazterturik edo artxibategi historiko batean kontsultarako egon beharko luke tradizio ezkertiar zaharkitu hark, langile alderdien printzipio teoriko bat zena: haren arabera, alderdi bakoitzak bere sindikatua sortu behar zuen, guztiz alderdiaren kontrolpean, sindikatua izanik "abangoardiatik" langileriaganako "transmisio uhala". CCOOri galdetuko bagenio, autonomia sindikalaren alde agertuko litzateke sutsu teorikoki. Baina norengandik autonomo, eta Izquierda-Ezkerrarengandik (I-E) jakina! Alta, eta horra hor sorpresa, elkarrekiko lotura aldrebestua dute CCOOk eta I-E-k: alderdia da sindikatuaren "transmisio uhala", ez langileriarengana, botere erakundeetara baizik. Zerikusi du horrek, jakina, askoz indartsuagoa izateak sindikatua alderdia baino. Alderdiaren babes politikoa, haren boto habia, sindikatuan dago gizarte zabalean bainoago. CCOOk Izquierda-Ezkerraren autonomia bahitu eta 'transmisio uhal' gisa erabiltzen du botere erakundeetara transmititzeko bere federazio bateko gehiengoaren interesak Bertzalde, oso uste ezkertiar partekatua da langile klase-sindikatu batek langileria osoa izan behar duela buruan, edozein errebindikazio ekonomiko, sozial, kultural, administratibo edota politikotan abiatzerakoan. Klase-sindikatuen ezinbertzeko baldintza da hori, definiziozkoa izateraino. Halere, maiz, langile talde zehatz batzuek, klase-sindikatuetako federazio/sail batzuek, bertze batzuek baino pisu eta indar gehiago dute. Eta maiz federazio horien eskaerek ez dute kontuan hartzen euren errebindikazioek ez ote dituzten oztopatzen, bai eta zanpatu ere batzuetan, bertze kolektibo baten eskubideak. Nolabait, oihaneko legea altxatzen da sindikatuen barneko langile taldeen artean: indartsuenak jan, gainerakoak hor konpon. Ba, horixe dute arazo bat CCOOk eta berak bahituriko I-Ek, Nafarroan, irakaskuntza publikoko oposizioetarako zerrenda bikoitzaren aldeko beren jarrera lekuko. Kezkagarria CCOOren jarrera. Korporatibismo hutsean itota, bere alderdia nafar gobernuaren bermatzaileetako bat delarik, I-Eren autonomia bahitu eta "transmisio uhal" gisa erabiltzen du botere erakundeetara transmititzeko bere federazio bateko gehiengoaren interesak. Korporatibismo hutsa eta, agian, bertze mapa politiko baten bila ez ote den hasi alderdi politikoa…, holakoak eta bertze aipatu dira hedabideetako artikulu eta iritzi batzuetan. Baliteke. Baina kontuan hartzekoa da auziaren bertze ertz hau ere, sindikatu eta alderdi politikoaren arteko lotura aldrebestua agerian uzten duena. Ez dira ahaztu teoria zaharkitu hartaz, gainditu dutelakoan daude, baina haren kalkoa egiten dute, eta are aldrebestu ere transmisioaren norabidea: CCOO bihurtu da, bistan da, euskarazko lanpostuei dagokienez alderdiaren gidari "abangoardista".
news
argia-bcead4c4e0e7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/itzulbiderik-ez-denean.html
Itzulbiderik ez denean
Iratxe Retolaza
2017-12-24
Itzulbiderik ez denean Literatura-itzultzaile baten ahotsa gorpuztu du Anjel Lertxundik Horma nobelan, hainbat bidegurutze bizi dituena: alzheimerra diagnostikatu diote amari, familiako sekretu batek kolpatzen du, Marta etxera bizitzera joan zaio eta eguneroko elkarbizitzak urradurak sortu ditu bikote-harremanean, ofizioaren prekarietateak ziurgabetasuna sortzen dio... Amaren gaixotasunak iraganeko mamuak biziberritu dizkio, eta amari mintzo zaio nobelan, esan gabekoei bide emateko. Hormatze-bidean ama, eta hormaturik ere Fidel, amaren memoria-galerak izoztu bailuen, ez aurrera, ez atzera, erabakimena urratuta. Itzulinguruka dabil, beldur dio korapiloak errotik heltzeari: porrotaren itzalak geldiarazten du. Ahots desesperatu eta konformagaitza gorpuzten du Fidelek. Egunerokoari aurre egiteko ezintasun horretan, familiako sekretua argitzeko gogoa pizten zaio, jatorrietara edo sustraietara jotzeko premia bizi du. Jatorriarekiko temak originaltasunaren inguruko auziak harrotuko dizkio, sorkuntza literarioaren eremuan, itzulpen-lanaren testuinguruan, nortasun pertsonalari traza hartzean. "Memoriarik gabe ez dago originaltasunik" dio Fidelek. Ahots mindu horrek Anjel Lertxundiren hainbat nobelatan landuriko kezkak jorratzen ditu: iraganaren zama, errudun-sentimenduak eta auzi moralak, isiltasunek sorturiko kateak, tradizioa berrasmatzea… Larrimin horren erdian, izan badu ihesbiderik, babeslekurik: itzulpen-ofizioarekiko pasioa. Ihesbide horrek arrastoak utzi ditu nobelaren egituran, etengabeak direlako jolas metaliterarioak, idazketa-prozesuaren inguruko hari-muturrak, edo itzulpen-jardunaren inguruko gogoetak. Literatur testuak eta itzulpen-ariketak dira Fidel letrajalearen komunikazio-iturri nagusia, eta komunikazio-bide horretan trebatu bada ere, trakestu egin da bestelako hitz-jardunean. Nobela existentzialaren arrastoak ugari dira Horma -n: narrazioaren arnasan, protagonistaren kezka-motetan eta testuartekotasun literarioetan (besteak beste, Albert Camusen Arrotza dakar orriotara). Zentzu horretan, tentsio narratibo urriko nobela da, eta istorioak aurrera egin ahala, Fidelen marmarra errepikakorra egin zait zenbait pasartetan. Gertaeren kate ahul hori orekatzera datoz oihartzun literarioekin eginiko jolasak eta idazketa-ekintzaren inguruko hausnarketak. Literatur tradizioaren piezak aurkezten dizkigu, gaurkoturik, berriturik, eta puzzlea osatzera gonbidatzen gaitu. Babesleku hori, kultur eredu hori ahanzturak irents ez dezan, memoria literario eta kulturala gal ez dezagun.
news
argia-ddecf0056796
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/borneo-kiskali-dute-eta-kazetari-bat-behar-da-egia-itsusia-azaltzeko.html
Borneo kiskali dute eta kazetari bat behar da egia itsusia azaltzeko
Pello Zubiria Kamino
2017-12-24
Borneo kiskali dute eta kazetari bat behar da egia itsusia azaltzeko André Vltchek kazetaria, ARGIAren irakurleak azaroko LARRUN gehigarrian –Gerrako ekologia– ezagutu duena, Borneo uhartean ari da filmatzen munduko txikiziorik handienetako baten kronika izango den dokumentala. Duela gutxi arte bioaniztasunaren paradisu izandako irla erraldoian oihanak oro eraitsi eta lurzoruak mineral bila harrotuta, Borneoko ekosistema aberatsa bezala gizarte sarea suntsitu dituzte Mendebaldeko multinazionalek. Groenlandia eta Ginea Berriaren ondotik, planetako hirugarren uharte handiena da Borneo, 743.000 kilometro karratu (konparatzeko, Espainiak 505.000 dauzka), 16 milioi biztanle. Indonesia da horien bi herenen jabe eta Malaysia gainerako herenarena, mutur txiki bat utziz Brunei sultanerriari. André Vltchek Borneorekin itsututa zergatik dabilen azaltzeko, onena hemen errepikatzea azaroan Investig'Action hedabidean plazaratu duen " Borneo, uhartea suntsituta, jendearen ezjakinean " kronikaren pasarte bat. Hona. "Eta uhartea erretzen ari dira. Edonon daude isuri kimiko higuingarriak. Legez kontra bilatzen dute urrea bai lurpean eta bai erreka handi baina itsuski kutsatuen erdian; hondeatze lanak erraz ikusten dira airetik eta lurrazalean, baina 'botere handiko jendeek' zaintzen dituzte, baita indar armatuek ere, eta horregatik dira ukiezinak. Gaur Borneo aipatzeak esan nahi du meatze bila hondeatzea eta zuhaitzak eraistea, baita zuhaitz plantazio beldurgarriak ere, dagoenekoz lurraldearen gehiena kanibalizatu dutenak. Ezer ez da ekoizten hemen, baina denetik atera eta erauzten da. Jendeak galtzen ari dira bere lurra. Beren osasuna galtzen dute, baita biziak ere. Planeta galtzen ari da bere birikak –oihan tropikalak– edo zuzenago esateko, dagoenekoz galdu ditu artxipelago honetan zeuzkanak. Kapitalismo basatia, ustelkeria moral eta finantzazkoa, kontrolik gabeko multinazionalak; hau da norabidea erabat galdutako herrialde honen egia itsusia, egia ikaragarria. Badirudi Borneo azkenetan dagoela. Indonesia osoa da jokoaren amaierara iritsi dena, baina badirudi politikoki itsusia dela horrelakorik esatea Mendebaldean, batik bat hedabide nagusietan. Indonesia, azken finean, bere burua ari da hondatzen Mendebaldea aberastu ahal izateko. Horrela zen kolonialismo garaian, eta horrela izan da berriro 1965ean AEBek sustatuta militarrek estatu kolpea eman zutenetik. Lan egiten dut Afganistanen ere, Ekialde Hurbilean eta Afrikan erabat hondoa jotako hainbat herrialdetan. Hemen, Borneon, haietan bezala dabiltza gauza guztiak. Bakea ote da hemen bizi dutena? Ez zait iruditzen. Niretzako gerra baten antza du, gerra izugarri bortitz batena. Jendeak bere jendearen kontra egiten duen gerra dirudi, jendeak naturari eta izaki guztiei egindako gerra, basoen eta erreken eta baita biziaren beraren aurkako gerra. Amesgaizto neokolonial bat dirudi. Asiako lekurik ederrena izan zena kixkalita dago, orbainez betea eta oinaze latzetan. Baina oraindik arnasa badauka, bizirik dago. Eta bizi denaren alde borroka egitea beti merezi du". André Vltchek (1962) kazetari eta dokumentalgilea Leningradon sortu zen –gaur San Petersburgo, Errusia–. Iparramerikarra nazionalitatez, ezaguna da hedabide handi bezala txikietan argitaratu kronikengatik, halaber liburuengatik. Euskal Herrian Txalapartak gaztelaniaz argitaratu zion Noam Chomskyrekin egindako Mendebaldeko terrorismoa . Dokumental saila ere egina du, Ruanda eta Kongoko gerraz eta beste hainbatez. Joan den negu-udaberrian kronika bikainak bidali zituen Afganistandik. Baina azken urteetan batik bat Asia Ekialdean dabil, Kanbodian bezala Indonesian. Herrialde honen kiebraz idatzia du " Indonesia, beldurraren artxipelagoa ". Borneora egindako azken bidaian ikusi zuen suntsiketak, halere, shock batek bezala astindu omen zuen Vltchek eta hala erabaki du indar berezi bat egitea hura kronika eta irudietan azaltzeko. Nor oroitzen da Sukarnoz Asia urruneko eskualde hura ondo ezagutzen duen Vltchek ez du espero bertako inor ausartzea hango infernu ahantzia kontatzera. Indonesiako ustezko paradisuetara doazen turistek horren ideia zipitzik ez duten arren, milaka herritar masakraturen odoletan itotako bakea bizi dute han. 1965an Suharto jeneralak hartu zuenetik boterea, orduan lehendakari eta Hirugarren Munduko lider aurrerazaleen erreferentzia zen Sukarno kenduta, milioi erdi heriotza eta beste milioi eta erdi gehiago espetxeratzeren prezioa pagatuz eraman zuen Indonesia Mendebaldearen kontrolpera. Orain, dio Vltchekek, hango elitea kolonialismoaren garairik okerrenetan adina dago Europaren eta AEBen morroi. Hezkuntzak ez du egiten haur eta gazteen brainwashing [burmuin garbiketa] baizik, kultur munduan idazle eta zinegileek mendebal kutsua kopiatu nahi duen zaborra ekoizten dute, ez da entzuten gizartean bezala ingurumenean kapitalak egindako desmasiak salatzen dituen ahotsik. 60ko hamarkadako komunismoa bortxaz lurperaturik, herritar asko babestu da fundamentalismoetan, izan kristau edo musulman. Alde horretatik uste du Vltchekek Mendebaleko potentziek bigarren Ekialde Hurbil bat sorrarazi dutela Ekialde Urrun hartan. Baina jendea bizi da Borneon ere. Bizi beharra daukaten jendeak aurkitu eta aurkezten dizkigu bere kroniketan Vltchek. Zer gertatu zaien ulertuta sufritzen dutenak, hondamendiaren xehetasunak erakusten dizkiotenak. Baina baita egoera berrira egokitu direnak, oihanetako azken zuhaitzak errez eta kautxuarekin edo mineral bila, bizitzeko adinako negozioa egin nahi dutenak, gauzak bestela izan litezkeenik burutik pasatzen ez zaienak. Bu Elvi anderea, esaterako, familiako kautxu arbol basoa erretzen aurkitu du Sintang eskualdean. Bertan zegon oihan tropikala aspaldi eraitsita, familiak kautxu arboladi txiki bat lantzen zuen, baina antza denez –Elvik lehengaien burtsa jarraitzen du hedabideetatik– kautxua ez da errentagarri garaiotan, prezioek behera egin eta gobernuak dirulaguntzak kendurik. Fuera kautxu arbolak eta beste zerbaitetara. Baina nork esango du Elvi oker ari denik? Suhartoz geroztik mundu guztiak nekazariei agindu diena bete du, ekonomia globalizatuak Ekialde Urruneko nekazariei eskatutakoa konplitu. Lana latz eginda diru bat irabazi du eta harrotasunez aldarrikatu dezake bere buruaren jabe bizi dela, inori erreguka joan behar barik. Agintariek nahi zituzten indonesiar berrietako bat da Bu Elvi, nork aurpegiratu behar dio ezer?   Vltchekek laguntza eskatzen die irakurleei dokumental berria bururaino eramateko. "Hemen ari naiz ito beharrean lanean Borneon: filmatzen, idazten, argazkiak ateratzen. Badira sostengatzen nautenak, laguntzen ahalegintzen direnak. Lortuko ote dugu zerbait? Hala nahi nuke. Lortu behar dugu, zeren eta bestela laster hemen eta alde orotan dena pribatizatu, komertzializatu eta menturaz suntsituko dute".
news
argia-dfca124957b6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/paristik-bueltan.html
Paristik bueltan
Jakes Bortairu
2017-12-24
Paristik bueltan Manifestaldi handien biharamunak gazi-gozoak dira beti. Borrokaldia edozein izanik. Asebetetze eta arrakastaren atseginarekin, aspaldidanik finkaturiko ekitaldia bukatzerakoan sentitzen den hutsuneagatik, antolaketa fasean mobilizatu energia xurgatuagatik edo bizi izandako tentsioagatik. Baina oroz gainetik, desafioa irabazirik, "eta orain zer?" galdera hertsagarria berpizten delako. Hots, estrategiaren garapena eta ondoko helburu taktikoa definitzeko ariketa konplikatua. Abenduaren 9ko manifestaldia ez da alde horretatik salbuespena. Are gehiago presoen kasuan mobilizazioaren balizko ondorio eskasak sor lezakeen frustraziori, pertsona askoren sufrimendu eta etsipena gehitzen zaizkiolako. Arrakastatsua izan da Parisko manifestaldia duda izpirik gabe. Arazorik gabe iragan da, pentsatu bezala eta antolatzaileek finkaturiko helburuak lortu direla erran daiteke. Zer xuxen? Luhuso eta apirilaren 8tik piztutako dinamika jarraitzea, desarmearen inguruan lortutako adostasun zabala atxikitzea eta garatzea, armak itzultzea baino sektore batzuentzat konplikatuagoa den gatazka armatuaren beste ondorio baten inguruan, presoen gaiaren sozializazioa Frantzian barna, Euskal Herritik kanpoko sostenguen zerrenda emendatzea kuantitatiboki eta kualitatiboki eta ondorioz indar erakustaldi ederra, frantses gobernuari interpelazio zuzena azkartzen duena. Alta, Paristik itzultzen ziren manifestarien gogoan eta solas guztietan galde eta kezka berdintsuak ziren: ez bada ezer mugitzen edo keinu batzuk besterik ez,  zer gehiago egin beharko dugu? Mendi bat lehen aldikoz konkistatu nahi duten mendizaleak bezala sentitzen gara. Tontorreraino joan nahi kosta ahala kosta, baina bidea asmatu behar, ez baita egina eta okerrago, ez baitakigu biderik ba ote den. Adimenaren pesimismoak errazki zerrendatzen ditu frantses boterearen aldetik egoera bere horretan mantentzeko arrazoiak: Madrildik aldentzeko kuraia eskasa, terroristatzat jotzen diren pertsonen egoera tratatzeko arrisku politikoa gaurko egunean, gobernamenduaren agenda politikoan lehentasunezko gaia bilakatzeko nekezia, estatu jakobinoa beldurtzen duen eta Euskal Herriarekiko uzkurtasuna areagotzen ahal duen Katalunia, Korsika edo Kanakiako (Kaledonia Berria, izen ofiziala) aktualitate beroa. Ahantzi gabe bi estatuen aldetik presoen gaia blokeatuz, herri indarrak burujabetza prozesutik desbideratzeko interes estrategikoa. Borondatearen optimismoak berriz, baita azken hilabeteetako esperientziak ere, oroitarazten digute baldintzak urratsez urrats eraikitzen direla eta etengabe egoera aldatzen dutela, aukera berriak sortuz. Hortxe gaude, esperantzaren leihotik arnasa hartzen, urtarrilaren 13ko hitzorduari begira.
news
argia-d03280237c50
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/abdul-saboor-errefuxiatua.html
"Mugetako poliziek gu torturatu ondoren, selfieak egiten zituzten gurekin"
Irantzu Pastor
2017-12-24
"Mugetako poliziek gu torturatu ondoren, selfieak egiten zituzten gurekin" Afganistango Nangrghar eskualdekoa da, 25 urte ditu Abdul Saboorrek. Gerran jaio eta besterik ikusi ez duten gazteen testigantza gordina da. Besterik ez zuelako AEBetako armada eta NATOrentzat egin zuen lan Afganistanen, inoiz iritsi ez zen bizitza lasaia eskaini zioten eta orain, herrialde horiek mugak itxi dizkiote. Duela hiru hilabete inguru iritsi da Euskal Herrira, gudarengatik etxea utzi eta bi urtez ihesean izan ondoren. Zergatik erabaki zenuen Afganistan uztea? Oso gaztetan hasi nintzen lanean. Nire eskualdera Amerikako Estatu Batuetako armada eta NATO iritsi ziren eta sei urtez aritu nintzen haientzat lanean. Ez zegoen besterik. Al Qaedak edo talibanek lehertzen zituzten tankeak biltzen zituen lantaldeko koordinatzailea nintzen, base militarrera eramaten genituen tanke txikituak. Lana uztea erabaki nuen eta ni bezalakoentzat AEBetako armadak duen zerbitzura jo nuen. Bertan, zin egin ziguten haientzat lan egin izanagatik AEBetara eramango gintuztela, gerratik urrun, baina egun hori ez zen inoiz iritsi, beti paperak tramitatzen ari zirela erraten zidaten. AEBetako armadarentzat lanean ari nintzela jakin arren, ordura arte talibanek ez zuten inoiz nire familia 'ukitu'. Baina kuriosoena da, AEB eta NATOrentzat lan egiteari utzi nion unetik aurrera, talibanak familiako kideak hiltzen hasi zirela. Banekien lana utzi izanagatik hilko nindutela, estatubatuarrek ez zidatela inoiz babesik emango. Amak bihotzeko gaixotasuna du, eta beraz, handik joateko esan zidan, ezingo zuela nire heriotza jasan. Hortaz, denek nagusi bertsua dutela uler daiteke? Honen inguruan ezin dut asko hitz egin. Aurreko galderari erantzunez, Kabulen talde batekin elkartu nintzen Afganistandik ihesean irteteko. Trafikatzaile batengana joan ginen eta erran zigun diru kantitate handi batengatik Europara 15 egunetan ekarriko gintuela. Lehenengo Pakistanera eta gero Iranera joan ginen, baina Poliziak harrapatu eta hilabete eman nuen kartzelan. Oso gogorra izan zen, jendea gosez hiltzen ikusi nuen espetxean, etengabe jipoitzen gintuzten eta preso asko hiltzen zen. Handik berriz ere Afganistanera bidali ninduten. Hasierara buelta. Bai, beste trafikatzaile batekin saiatzea erabaki nuen. Pakistan, Iran eta gero Turkiara iritsi nintzen. Batzuetan motorrean joaten ginen, baina gehienetan menditik oinez edo korrika pasatzen genituen mugak. Lagunak galdu genituen bidean, baina trafikatzaileek atzera ez begiratu eta korrika egiteko erraten ziguten. Turkian ginela, trafikatzaileek aldean genuen diru guztia lapurtu eta bahitu egin gintuzten, familiari diru gehiago eskatzeko. Horiei gehiago ordaindu ostean, mendiz orduak eman genituen Bulgariara oinez iritsi arte. Bulgariakoa ere oso bortitza izan zen. Poliziak hartu gintuen mugan, arropa guztia kendu eta etengabe jo gintuzten, besoa puskatu zidaten eta noski, ez ninduten medikuarenera eraman. Turkiara bota gintuzten, eta berriro muga pasatzea lortu bagenuen ere, egun gutxitara poliziek berriro ere atxilotu gintuzten eta beso puskatuan behin eta berriro jo zidaten "afganiar terrorista nazkagarria" oihukatzen zidaten bitartean. Horren ondoren, errefuxiatuen kanpamentu itxi batera eraman ninduten, baina handik ihes egitea lortu nuen. Nola lortu zenuen? Kartzelak bezalakoak dira, baina nahiko erraza da. Kanpamentu itxietan ere trafikatzaileak daude, gela berezi bat izaten dute beraientzat gainera. Baldintza onetan bizi dira eta kanpamentu osoak daki nortzuk diren pertsonekin trafikatzen duten horiek. Argazkia: Irantzu Pastor Baita Gobernuak eta Poliziak ere? Bai, noski. Ezinezkoa da ez jakitea. Lotura zuzena dago, negozio handia da. Errefuxiatuak politikoki erabiltzen gaituzte, gure egoera erabiltzen dute poltsikoak betetzeko. Sare ilun horretan Gobernuen konplizitatea eta polizien kolaborazioa ezinbestekoa da, bestela ez zen trafikatzailerik egonen. Nola sentitu zinen Europar Batasuneko muga itxien aurrera iritsi zinean? Niretzat askoz gogorragoa izan zen ondoan nituen lagunentzat baino. Kontuan hartu NATOrentzat 6 urtez egin nuela lan, bizitza jokatzen nuen egunero Europako hainbat armadarentzat lanean, horri esker gerratik urrun biziko nintzela esaten zidaten etengabe, brother (anaia) deitzen ninduten… hori guztia ibili zait buruan mugetan poliziek jipoitzen nindutenean edo "terrorista nazkagarria" deitzen zidatenean. Engainatua eta erabilia sentitzen naiz, ez diogu inori txintik axola. Hemengo gobernuek Afganistanen negozio ezin hobea egiten dute herrialde guztia ustiatu eta arma salmentarekin, hori da ekarri diguten bakarra eta gu beren negozio erraldoi horretako pieza hutsak gara. Afganistanen, talibanek eta Daesh-ek "musulman onak" ez garelako hil nahi gaituzte, Europar Batasunak aldiz, ateak ixten dizkigu "terrorista musulmanak" garelako. Urte bat eman zenuen Serbian, Belgradeko barrakoietan bizirauten. Infernua izan zen iazko negua. Hotzez ez hiltzeko, trenbideko egur zaharrak erabiltzen genituen sua egiteko, baina oso kutsakorra zen kea. Ez genuen urik, askok hazteria zuten, gaixo zeuden… mila pertsona inguru k biziraun genuen egoera hartan. Belgradeko neguko argazkiak ikusten ditudanean beti egiten dut negar. Zenbat aldiz saiatu zinen Europar Batasuneko muga pasatzen? Urtebetean, hogei aldiz baino gehiagotan saiatu nintzen Hungaria eta Kroaziako harresia pasatzen. Aldi guztietan, Poliziak harrapatu, arropa guztia kenarazi, elurretara bota eta beren txakurrak askatzen zituzten, hozka egin ziezaguten. Gu torturatu ondoren, selfieak egiten zituzten gurekin Serbiara bota baino lehen. Lagunak desagertu ziren, errekan itota edo hilda. Inork ez daki zer pasa zaien, gorpuak ez dira inoiz agertu, baina hau guztia Europar Batasunean gertatzen ari da, inork ikusi edo onartu nahi ez duen arren. "Gobernuen konplizitatea eta polizien kolaborazioa ezinbestekoa zaie, bestela ez zen trafikatzailerik egonen" Azkenean lortu zenuen muga pasatzea eta orain asilo eskaera egin duzu. Erakunde baten bitartez eskatu dut Bartzelonan, baina oso zaila da gaur egun asilo politikoa ematea, Gobernuek ez dute nahi gu hemen egotea. Europan eta Euskal Herrian momentuz ezagutu dudan onena herritarren elkartasuna da. Politikariengandik ez dut ezer espero. Inork baino hobeto dakit zer egiten duten Afganistan bezalako herrialdeetan, ongi dakit "demokrazia eta giza eskubideen izenean" egiten duten negozio iluna zein den. Nola gelditu daiteke hau guztia? Argi izan behar da azken helburua ez dela guk mugak pasatzea, ezta gu hainbat herrialdetan banatzea ere. Oinarrira joan behar da. Gure herrialdeak gerran daudelako, hiltzen gaituztelako, egiten dugu ihes. Gure herrietan eragiten dituzten gerrak gelditzeko exijitu behar zaie hemengo gobernuei. Diru asko jartzen du Europar Batasunak mugak eraikitzeko eta horiek "zaintzeko" poliziak ordaintzen. Dirutza hori gerrak bukatzeko erabiliko balute, ez ginateke errefuxiatu krisi honen aurrean egonen. Gerra eta gerraren negozioa gelditu behar dira, eta horrela, ez gara gure etxetik ihesean joan beharko. Nik argi dut, bihar bukatuko balitz Afganistango gerra, bihar bertan bueltatuko nintzateke nire herrialdera.
news
argia-a74c3fe864c4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/tablero-zuri-beltza-heziketan-bidelagun.html
Tablero zuri-beltza heziketan bidelagun
Miren Osa Galdona
2017-12-24
Tablero zuri-beltza heziketan bidelagun Gero eta gehiago dira xakea tresna hezitzaile gisa erabiltzen duten ikastetxeak, eta curriculumean ere txertatu dute hainbat lurraldetan. Ikasleek memoria, sormena eta lankidetza jorratzeko aproposa da, besteak beste. Tolosako Herrikide ikastetxera gerturatu gara, xakearen onurak ezagutzeko asmoz. Katalunia da xakea hezkuntza sisteman barneratzen aitzindari (bost urte darama xakeak ikasgai moduan) eta Nafarroak gauza bera egin berri du: datorren ikasturtetik aurrera, hautazko ikasgaia izango da Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan. Ikasleei jokoa irakastea baino gehiago, helburua da "ohiturak, prozesu kognitiboak eta gaitasunak garatzen laguntzeko tresna bat eskuragarri jartzea". Eta asmo horrekin ekin diote Herrikiden. 3, 4 eta 5 urteko ikasleekin hasi dira, emaitza "oso positiboekin", eta pixkanaka maila guztietan ezarri nahi dute. Dantza, errespetua, adimen anitzak… Gurutze Telleria eta Aintzane Leunda irakasleak hasi dira xakea lantzen: formazioa jaso zuten, materialak sortu zituzten eta praktikan jartzen joan dira. Formazioa hasi eta segituan izan zuten lehenengo ezustekoa: ez da beharrezkoa jokatzen jakitea, tresna pedagogiko moduan erabiltzeko. Xakea abiapuntu hartuta egin daitezkeen ariketak zein anitzak eta ederrak diren ere berehala jabetu ziren. Zer du, bada, xakeak, erreferentziazko tresna hezitzailea izateko? Pello Agirrezabal HH eta LHko zuzendariak argi du: "Elkartasuna, errespetua eta adimen anitzak erabat lantzen ditu. Ikaslea kolektiboan baino, pertsona indibidual bezala garatzeko aukera ere ematen du". Haurrek txikitatik jolas moduan hartzen dute xakea eta tableroan mugimendu bertikalak, horizontalak eta dantzak egiten dituzte: "Ikasleen sormena sustatu behar dugu eta horretarako adimen espaziala funtsezkoa da. Tableroak asko laguntzen du horretan", dio zuzendariak. Helburua da ohiturak, prozesu kognitiboak eta gaitasunak garatzen laguntzeko tresna bat eskuragarri jartzea. Herrikiden 3, 4 eta 5 urteko ikasleekin hasi dira, eta pixkanaka maila guztietan ezarri nahi dute Balioez ere mintzo da; esaterako, errespetua: "Bestearen txandak errespetatu behar dituzu nahi eta nahi ez, eta denbora jakin batez besteari utzi behar diozu jokoaren aginte makila". Erabakiak hartzeko gaitasuna barneratzeko ere lagungarria da: fitxak nola mugitu norberaren erabakiaren baitan dago eta ondorioak norberak pairatu behar ditu. "Une batean hainbat aukera izan ditzakezu, baina bakarra aukeratu behar duzu. Bizitzako edozein arlotarako balio dezake horrek". Beste balio bat, elkartasuna: "Ariketa batzuk binaka egitekoak dira eta momentu batean munduak buelta emango balu bezala, batak bestearen rola hartu behar du. Momentu horretatik aurrera bakoitzak bestearen piezekin egin behar du aurre". Edo partidak taldean ere jokatu daitezke, lankidetza eta talde lana indartuz: esaterako, batek aurkariari jaten dion fitxa bakoitza, bere taldean jokatzen duen ikaskidearentzat izango bada, oso kontuan izan beharko du zein den jan behar duen fitxa, zein den bere taldekideari gehien komeni zaiona. Ikasgai guztietan baliagarri Pasillo erdian marraztuta duten xake taula erraldoian aritzen dira ikasleak xakeaz gozatzen: sekulako piezak eta material berezia dituzte, eta adin ezberdinetara egokitutako ariketak landu ditzakete. Gainera, musika, matematika edota historian bidelagun izan daiteke xakea. Esaterako, historiako klaseetan amu gehigarri bilakatu daiteke xakea, jokoan 1.500 urteko historia duelako eta paraleloki konta daitezkeelako xakearen eta historia garaikidearen pasarteak. Agirrezabalek adibidez, matematiketan erabili du: "Ikasleen arreta pizteko egin nuen, gai berri bat eman behar genuen eta lehen unetik haien inplikazioa lortu nahi nuen. Jolasaren bidez bidea ireki eta horretan laguntzen du xakeak; hortik abiatuta, irakaslearen ardura da bidea egitea". Taldean ere jokatu daiteke, lankidetza indartzeko: ikasleak aurkariari jaten dion fitxa bakoitza, bere taldean jokatzen duen ikaskidearentzat izango bada, oso kontuan izan beharko du zein den jan behar duen fitxa EAEko hezkuntza curriculumean sartzerik izango al luke xakeak? Borondate politikoa badagoela uste du Agirrezabalek, baina lantaldeen egonkortasun falta dela arazoa: "Ikastetxe batzuetan, hainbat proiektu oso lotuta daude irakasle jakinei, eta gaur egun, irakasleek asko aldatzen dute ikastetxez". Proiektu horiek, tartean Herrikiden martxan jarri duten xake hezitzaileak, arrakasta izan dezaten, gurasoak ere gakoa dira, Telleria eta Agirrezabalen hitzetan: "Ikastetxean ikasitakoak etxean izaten du jarraipena eta oso garrantzitsua da proiektuen berri ematea familiei. Garrantzitsua gutxienez zure seme-alabak zertan dabiltzan jakitea. Eskola programa familiek ondo ezagutzea oinarrizkoa da".
news
argia-99f8255231fe
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/gauzaki-izateari-utzi-pertsona-izateko.html
Gauzaki izateari utzi, pertsona izateko
Juan Mari Arregi
2017-12-24
Gauzaki izateari utzi, pertsona izateko Joan den astean albiste politiko garrantzitsua jazo zen Espainiako Estatuan. El País egunkariak honela zioen: "Animaliak gauzaki izateari utziko diote". Hala da. Espainiako Kongresuak aho batez onartu zuen PPren lege proposamena animaliak pasa daitezen gauzaki kontsideratzetik izaki bizidun moduan tratatzera, eta eskubideak edukitzera. Horretarako Kode Zibila aldatu beharko da, baita Hipoteken eta Prozedura Zibilen Legea ere. PPren arabera "paradoxikoa da Kode Penalak 2003tik ezberdintzea gauzei egiten zaizkien kalteak eta animaliei egiten zaizkienak, baina Kode Zibilak ez onartzea animaliak sentsibilitatea duten izaki bizidunak direla". Sektore animalistak pozik dira, eta ea "sentsibilitate" horrek eramaten duen Kongresua, esaterako, odola heriotzara arte isurtzen den zezenketak debekatzera. Animaliekiko sentsibilitateak, bestalde, isla izan beharko luke beste izaki bizidun batzuenganako arduran, gure jendartea osatzen dutenenganakoa hain zuzen. Hor daude milioika langabetuak; dozenaka mila langile 707 euroko gutxieneko soldatara iristen ez direnak; 408 euro eskas kobratu eta urtean %0,25eko igoerarekin biziraun behar duten pentsionista eta alargunak; hor daude milaka immigrante, txabola eta aterpeetan pilatuta; eta jendeari libreki ibiltzen uzten ez dioten harresiak; emakume eta gizonen arteko ezberdintasun lotsagarria ere hor dago, soldatetan nahiz gizarteko beste arlo askotan; milaka lagun daude gaixo eta medikazio egoki baterako laguntzarik gabe… Pertsona horiek, gauzakiak edo izaki "sentikorrak" dira? Horiek ere eskubideak dituzten subjektuak badira, beste gobernu-politika batzuk behar dituzte euren beharrak modu egokian asetzeko. Gauzaki izatetik, pertsona izateko.
news
argia-6d84bbbfbc68
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/lehen-transplanteak-eta-errefusak.html
Lehen transplanteak (eta errefusak)
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-12-24
Lehen transplanteak (eta errefusak) Hil honetan 50 urte bete dira bihotzeko lehen transplante arrakastatsua egin zutela. Baina saiakerak askoz lehenago hasi ziren. K.a. VII. mendean Sushruta sendagile hinduak (argazkian) medikuntza aiurbedikoari buruzko tratatu bat idatzi zuen eta hor jaso zuen anputatutako sudurrak –ohiko zigorra garai eta lurralde haietan– berregiteko metodoa: kopetako azala transplantatu behar omen zen. Handik lau mendera, Hua To txinatar medikuak organo kaltetuak kendu eta ondo zeuden beste organo batzuk transplantatzen zituela geratu zen jasota. Baina ez dugu ebakuntza horien emaitzen berri. Ziurrenik gaixoak ez ziren bizirik aterako, bi milurtekotik gora beharko baitziren organoen errefusaren aurkako borroka irabazten hasteko.
news
argia-ff8be09d9330
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2580/errege-alferren-neurriko-maratoia.html
Errege alferren neurriko maratoia
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-12-24
Errege alferren neurriko maratoia Grezia, K.a. 490. Maratongo guduan greziarrek persiarrak mendean hartu zituzten. Herodotok, Plutarkok eta Luzianok jaso zuten garaipenaren berri eta, bertsioak bertsio, kondairak dio Filipidesek Maratonetik Atenaserako bidea korrika egin zuela albistea jakinarazteko, eta misioa bete ondoren hil zela. Horixe da maratoi modernoaren oinarria eta askok uste dute probaren 42,175 kilometro horiek Maraton eta Atenasen arteko distantzia direla. Baina bi puntuen artean 200dik gora kilometro daude. Lehen Olinpiar Joko modernoetan (Atenas 1896) 40 kilometroko lasterketa prestatu zuten. Handik lau urtera, Parisko jokoetan ere neurri bera aukeratu zuten, oso zehatzak izan ez baziren ere: helmugara iritsi ziren maratoilariek 40,260 kilometro egin zituzten. 1908ko Londresko jokoetan Windsorretik Londreserako 40 kilometro inguruko ibilbidea prestatu nahi izan zuten, errege familia Windsorren bizi zela aprobetxatuz. Lasterketa errege jauregitik bertatik abiatuta, bertan bizi zirenek etxetik irteteko beharrik ere ez zuten izango probaren hasiera erosotasun osoz ikusteko. Eta, hala, maratoia errege-erreginen leihopean hasi zen. White City estadioko errege-palkora iristeko 42,175 metro egin behar zituzten. Baina zer dira bi kilometro gehiago halako lasterketa luzean? Bada, joko haietan distantzia gehituak emaitzan eragina izan zuen. Dorando Pietri italiarrak 39. kilometroan hartu zuen lasterketa burua eta 40.ean erraz ari zen. Baina estadiora iristean pott egin zuen eta behin eta berriro erori zen. Ingurukoek –besteak beste, Arthur Conan Doyle idazleak– aldiro altxatzen lagundu zioten eta, helmugara iristen lehena izan arren, laguntza horren erruz deskalifikatu zuten. Stockholmen (1908) 40,200 kilometro egin zituzten eta hurrengo joketan, Anberesen, inoizko maratoi olinpikorik luzeena egin zen: 42,750 kilometro. Azkenean, 1921ean distantzia behin betiko finkatzea erabaki zuten. Atletei ahaleginik handiena eskatzen zien lasterketarako, errege familiari ahaleginik txikiena eskatu zion distantzia aukeratu zuten: 42,175 kilometro.
news
argia-df284b08e23b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/ateak-eta-sarrailak.html
Ateak eta sarrailak
Kattalin Miner
2017-11-13
Ateak eta sarrailak Azaroaren 12an Durangon jokatutako finalaurrekoaren kronika. Saioko puntuazioa: Aitor Mendiluze (740,5 puntu), Miren Amuriza (678,5), Jon Maia (675), Oihana Iguaran (671), Iñaki Apalategi (648) eta Miren Artetxe (639). Finalaurrekoak, ondo atera ezkero, kategorikoak izaten dira. Igandeko Durangokoa gutxien-gutxienean, gozatzekoa izan zen. Puntuaketekin, beti bezala, polemika Landakoko ate aurrean, tarte handia lehenengotik bigarrenera, baxuegi beste batzuk… Eta oraingo honetan, zigarro arteko kritikagintzan, puntu-erantzunei ez-ezik, hainbat gaiei egurra indar bereziz. Eta egia esan, meritua badute gure bapatekari hauek, auto-ilara bati edo barrita energetiko batzuen paperei seina bertso ateratzeko. Bejondeizuela! Barkatuko didazue ageriko zerbait esaten badut, baina Aitor Mendiluzek hizketan baino errazago egiten du bertsotan, edo hori gogoratu genuen behintzat lehenengo bertsotik. Esango nuke, zaleago izan edo ez, utzitako bertsoak-bertso, kapazidade hori ikustea espektakuloa dela bere horretan eta punto. Eta nekea eta postua dira gutxienekoa esan bazigun ere ofiziotan, ondo merezitakoa izan zuen atzokoa. Segidan Miren Amuriza, otsokumeak ondo defendatuta, hortzak bistan, lehenengotik puntu tarte dezentekoa aterata ere, saioan zentratuta, serio, baina hala esan zigun-eta berak seiko motzean: hobe orain estu hartzea, gero damutzea baino , eta arrazoi. Eta kartzelakoan esandakoak interesatuki erreskatatzen baditugu, zera esango genioke bere hitzekin: hara noraino heldu den, harritu gaitu zeharo ( harritu agian ez) eta oraindik iritsi baietz, askoz ere aurrerago! Segi! Jon Maiak gogorarazi zigun nor den Maia, esango nuke batik bat kartzelakoan, eta BEC-a buruan darabilela argi utzi zigun entzule danoi; baina ofiziotan hala gomendatu bazion lagunari, geuk hari itzultzen diogu orain: berak bakarrik gainditu behar du azken apustua ! Zorte on! Oihana Iguaranek oso ondo aritu arren, berak aipatu bigarren peajea ez ote zuen atzo ordaindu. Hain nago txapel grinean, entrenatuz ekinean , eta lehiatu nahi nuke besteen neurri berdinean bota zigun seiko motzean, eta ofizioek sarri zenbat egia uzten dituzten, atzetik etorri zen Mendiluzerena kasu: besteak dira zure mailara jarri behar dutenak , bada bai, esango nuke, esaterako bakarkakoan egindako ekarpen horrekin neurria hark jarri zuela. Ederra. Iñaki Apalategi, gorabehera handirik gabe, mailan, neurrian mantendu eta hurrengo faserako azken billetea lortuta etxeratu zen. Azkenik Miren Artetxe izan genuen, askoren harridurarako, puntuazio baxuarekin, batik bat, puntu-erantzunetan zein seiko motzean utzitako bertsoak kontuan hartuta. Hala ere, bide egokia ez da sekula zuzena , esan zigun seikoan, eta problemarik ez neska honek, ze, giltzarik ez bada, sarraila aldatu egiten baitu. Edonola, txapelketako bidea errurik eta damurik gabe agurtu zigun, elegante. Eta gaur buen rollito , kritika gehiegirik ez (lasai, etorriko dira-eta) zeren ospakizuna amaitu zenean, ez zen ezer amaitu, honek aurrera darrai eta hiru saio faltan, hortxe azken guda dantza zain, beraz, neuk bezala entzun zenutenez hau zertaz doan, a zkenak atea itxi dezala.
news
argia-4ebb3977ec5d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/porno-eskola-heziketa-sexualerako-tresna-berria-gasteizen.html
Porno Eskola, heziketa sexualerako tresna berria Gasteizen
Hala Bedi
2017-11-08
Porno Eskola, heziketa sexualerako tresna berria Gasteizen Azaroaren 26an SUmendi Gazte Espazioan, Porno Eskola bera aurkezteaz gain, porno feministaren hastapenetan sakonduko dute. Interneten dagoen informazio guztia kritikoki eta etikoki erabiltzeko asmoa du eskolak. Porno Eskola. Hori da Gasteizen martxan jarri duten tresna berria. Helburua, argia: heziketa sexualean sakontzea, pornografiari buruzko gida didaktiko bat baliatuz horretarako. Urriaren 26an aurkeztu zuten, baina jende dexente aurkezpen aretotik kanpo geratu behar izan zen. Hori dela eta, azaroaren 26an beste aukera bat izango dugu Gasteizen Porno eskola barrutik ikusteko: SUmendi Gazte Espazioan tailerra. "Konturatu ginen nerabeek sexuarekin zuten lehenengo kontaktua pornoa zela: ikastolan duten heziketa sexualak hutsuneak dituelako edo gurasoei galdetzea lotsa ematen dielako", adierazio dio Hala Bediri Porno Eskolako kide den Iratxe Gilek. "Gainera, gurasoak ez daude hezituak galdera horiek erantzuteko", gaineratu du. Interneten dagoen informazio guztia kritikoki eta etikoki erabiltzeko asmoarekin, Porno Eskolaren asmoa heziketa sexualeko tresna bat eskaintzea da. Eta horretarako, nahikoa baliabide jarriko dituzte mahaiaren gainean. Ilustrazioak oinarri, eduki mapa bat landu dute. Horretaz gain, webgune bat ere martxan jarriko dute, unitate didaktiko ugari oinarri moduan hartuz. Pornoaren unibertsoa berreraikitzeko jaio da Porno Eskola: teoriak berresanez, akatsak zuzenduz,  erabiltzaileak berrezituz eta pornografia feminista, bidezko eta ireki batera bideratuz. Gainera, gidaz gain, gai bakoitzeko unitate didaktikoak eskainiko dituzte, informazio guztia garatuz, bibliografia, estekak eta artikuluak eskainiz… Gasteizen jaio da, "baina gustora zabalduko genuke" adierazi du Gilek. Hitzordua SUmendin Azaroaren 26an, igandean, Porno Eskolako kideek tailer bat emango dute SUmendi Gazte Espazioan, Judimendin. Bertan, Porno eskola bera aurkezteaz gain, porno feministaren hastapenetan sakonduko dute. Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekari dugu ARGIAra.
news
argia-b38e18d0c542
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/atsedenen-ondorioez.html
Atsedenen ondorioez
Katixa Dolhare-Zaldunbide
2017-11-19
Atsedenen ondorioez Azken hilabete eta aste hauetan, Aldudeko ibarrean zorigaitz franko gertatu zaigu: bat bertzearen ondotik zendu dira hainbat herritar, gazterik, batez ere minbiziarengatik. Ohi den bezala, jendeak eta predikariek azpimarratu dute presuna horien "kuraia gaitzaren kontra", "ihardukitzeko" eta azken uneraino "oldartzeko eta borrokatzeko indarra", eritasunaren "zuzengabeko garaipenari amore eman arte". Erran-molde horiek gogorarazi didate Marc Billaud ikerlari kantzerologoak, Julie Henry filosofoak eta Pierre Sujobert hematologoak Le Monde Diplomatique astekarian idatzi Trompeuses métaphores du cancer ( Minbizi metafora engainatzaileak ) artikulua (750 zb., 2016ko buruila, 28. or.). Susan Sontagek Illness as Metaphor (1978) ( Eritasuna metafora gisa ) kritika liburuaren ildotik, erakusten dute gaur egundaino biziki arrunki aipatzen dela minbizia gerla, asozialtasuna eta erotasunaren metaforak erabiliz: soziopataren gisa, zelula gaiztoak ez ditu errespetatzen zelula sanoen komunitatearen arauak; bere burua baztertzen du psikopaten gisa; bortizki kolonizatzen ditu gorputzeko gune berriak; ondorioz, eri den presuna bera asozial, ero edo lanjerostzat dauka gizarteak, eta maiz "barkatzen ez duen eritasuna" eufemismoaren bidez soilik deitzen dugu minbizia. Bizkitartean, epaiketa moralen bidez aipatuz minbizia, ustekabean areagotzen diegu mina sufritzen duten presunei. Gehiago dena, gero eta gehiago uztartzen dira gerla eta minbizia solas publikoetan: gatazkan sartuak gara eritasunaren aurka; kanpaina abiatua da minbiziaren kontra, armak prestatzen ditugu haren kontra ihardukitzeko; hedabideetan, terrorista islamistak zelula gaiztoei konparatzen dira, eta haien kontrako eraso bortitzak (bazter sanoak berdin errausten dituztenak) beharrezko terapiari. Hots, eta etxeko auzoan berean frogatu dut, inplizituki galdegina zaio eriari soldadu kementsu eta heroikoa izatea, etsaiari gogor egiteko, eta ez otoi ahalkegarriki amore ematea, koldar edo traditzaileen gisa. Zinez, ikaragarriko presioa ezarria zaio, iduri eta gure beldur psikologiko, sozial eta politikoez nahi gabe kargatzen dugula. Jakinez, gainera, estresak balukeela zer ikusirik minbiziaren garapenarekin, metafora arruntez josi solasek egoera okertu baizik ez dezakete egin. Testuinguru horretan, medikuntza eztia gero eta beharrezkoagoa agertzea ez da harrigarri: fitoterapia, naturopatia, Ekialdetik etorritako meditazio eta lasaitze saioak... Baina gure mintzatzeko moldea ere beharko genuke menturaz artatu, eta kasu eginez erabili delako metafora haiek, eriak baztertzen, kondenatzen, hobendun sentiarazten dituztenak. Urrunago joateko, nago ez ote dugun nahigabe berdintsua eragiten Historiako garai batzuk "depresiboak" deituz, adibidez mundu mailan Mendebaldeko gizarte kontsumistaren aro garaikidea, edo Euskal Herrian euskararen erabilera nekatzen ari den gaurko garai hau. Beste batzuen artean, XIX. mendean Alexis de Tocqueville filosofoak nabarmenki erabiltzen zuen eritasunaren metafora demokraziak eragin gaitzak aipatzeko, eritasun berezirik izendatu gabe, haatik. Nik ez daukat sendagailu segurik proposatzeko, baina bai eriak hobeki laguntzeko, bai guhauren burua ez eritzat jotzeko, saia gaitezke eztitasunez mintzatzen, umorea eta jokoaren bidez, metafora baikorrak edo baketzaileak erabiliz.
news
argia-ea12d26e7eb7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/gaztainari-lotutako-ondare-kulturala-berreskuratzen.html
Gaztainari lotutako ondare kulturala berreskuratzen
Garazi Zabaleta
2017-11-19
Gaztainari lotutako ondare kulturala berreskuratzen Kantauri isurialde osoan dago –edo behintzat egon izan da– gaztainarekin lotutako tradizio eta ohitura handia, eta lotura hori aztertzeko ikerketa ugari egin izan dira Galizia eta Asturiasetik gureraino. Orozko (Bizkaia) inguruan katalogatuta dauden kirikiñausi kopururik handienetakoa dagoela kontatu digu Jose Angel Aramendi Supelaur kultur elkarteko kideak. Ondare hori guztia baliotan jartzeko helburuarekin antolatzen dute urtero Orozkoko Gaztaina Eguna. Urriaren 29an ospatu dute hamabigarren edizioa, urteroko moduan kirikiñausi handienetakoaren ondoan.  Kiriki-zer? Garai batean gaztainak gordetzeko erabiltzen ziren harri multzoz osatutako eraikinak dira kirikiñausiak. Izen hori hartzen dute Orozkon behintzat. Eraikin zirkularrak dira gehienak, eta handienak 7,5 metroko diametroa eta ia bi metroko altuera ditu. "Imajinatu zenbat gaztaina biltzeko edukiera zeukan, eta beraz, gaztainak zenbaterainoko garrantzia zuen hemen", dio Aramendik. Orozko kirikiñausia. Argazkia: Orozkoko Udala. 40 kirikiñausi inguru dituzte katalogatuta Orozkon, baina gehiago ere badirela adierazi digu Supelaureko kideak. Azken urteetan mendiko ibilbide zirkular bat antolatzen aritu dira elkarteko kideak, kirikiñausietatik eta bestelako kultur ondare elementuetatik pasatzen dena: antzinako teileri labe bat, errota zahar bat, txondorlekuak eta abar. "Iaz amaitu genuen ibilbidearen trazatua eta Udalak onespena eman zuen bidea egokitzeko. Orain informazio panelekin osatuko dugu", azaldu digu Aramendik. Gaztainaren garrantzia "Urriko azken igandean egiten dugu Gaztainaren Eguna. Aurten ere han goian egon gara 600 pertsona inguru", dio elkarteko kideak. Herritarrek urtero erantzun oso ona ematen dutela kontatu digu, interesa badagoela. Erromeria kirikiñausi handiaren ondoan egiten dute, eta nola ez, gaztain erreak izaten dira protagonistetako batzuk. "Ondare guzti hori erakustea eta aintzat hartzea oso garrantzitsua da gure ustez, joandako bizimodu baten iragarpena egiten digulako". Askotan gauzak azkar xamar ahazten baditugu ere, egia baita gaztainondoak duela gutxi arte oinarrizkoak izan zirela inguru hauetako pertsonen bizitzan: elikatzeko edota egurrerako batez ere, baina baita istorio eta mitoak sortzeko ere.
news
argia-c812f1cee1c2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/errenteriako-hiru-gazteak-libre-utzi-dituzte-epaiketaren-zain.html
Errenteriako hiru gazteak libre utzi dituzte epaiketaren zain
Axier Lopez
2017-11-07
Errenteriako hiru gazteak libre utzi dituzte epaiketaren zain Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak baldintzapean libre utzi ditu martxoan atxilotu hiru gazte errenterriarrak. Espetxean izan dira orain arte Iruñeko manifestazio baten ostean sortutako istiluen harira. Errepresioari Autodefentsa dinamikak manifestazioa egin zuen 2017ko martxoan Iruñean, eta amaitu aurretik istiluak izan ziren Poliziarekin pare bat orduz Alde Zaharrean. Manifestazioak "azken hilabeteetan herri mugimenduaren kontra ezarritako errepresioa salatu eta autodefentsa mekanismoak sortzea" zuen helburu. Istilu horien harira atxilotu zituzten Errenteriako hiru gazteak; laugarren pertsona bat ere auzi berean inputatuta dago baina adingabekoa denez, espetxea saihestu du. Epaiketa egin arte, auziaren ardura duen Carmen Lamela epaileak erabaki du gazteak aske egotea. Abokatu eta senideen eskaera nagusietako bat izan da auzia Espainiako Auzitegi Nazionaletik atera eta Nafarroako Auzitegian epaitzea. Zentzu horretan orain arte egindako helegiteek ez dute arrakastarik izan eta lau gazteak Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte "terrorismoa" egotzita.
news
argia-e750f2563d70
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/dena-emon-ala-doraemon.html
Dena emon ala Doraemon?!
I�aki Murua
2017-11-19
Dena emon ala Doraemon?! Harritu egin nau Antena 3 telebistara Maddalen Arzallusek Irungo kanporaketan bota zuen bertsoa iristeak, baina badu lekua agurrean, artista senetik, umore jostarian eraikitako aleak telebista horretan, nik etxe horri buruz dudan iritzia izanda behintzat. Zer pentsatu gehiago eman zidan euskal-erdarazko Telebistako albistegia irekitzeko bertso bera erabiltzeak. Bertsoak eta bertsolaritzak kate horri sortzen dion erakarmenaren berri ematen dit, noski bertsoari berari ezer kendu gabe, baina han ginenoi, emozioak erdiz erdi harrapatu zizkiguten beste hainbat bertso esanguratsu egonda. Hitzekin, biziduna marraztu zuen Maialenek (Lunjabiok), pertsonaren egon nahi ez eta ezin egon muinenekoetatik eraikita. Maddalenek, berriz, egonezina ezin egon bilakatu zitzaion herri ordezkaria, lekualdaketari zegokion aire berriz jantzi eta marrazki bizidun bihurtu zuen; haurren, gaztetxoen eta errepiketan kantu-lagun izan zituen adinekoen, erreferente muinekoari  arnasa emanez. Biek asmatu zuten asmatzen bi antenek ez bezala. Harritu nau Antena 3ra Maddalen Arzallusek Irungo kanporaketan bota zuen bertsoa iristeak baina (...)zer pentsatu gehiago eman zidan euskal-erdarazko ETBko albistegia irekitzeko bertso bera erabiltzeak Antena bidez elikatzen diren gure ikasleekin berdina gertatu zitzaidan, nik argia pizteko gogoeta jarri nien aurrean baina beraiek argi erakutsi zidaten zein aukera zuten gogokoen: haurtzaroko egonezinak baretzeko jartzen zitzaien Doraemon , bat-bateko protagonista, bere herrian ezin egon eta ospa egindako independentista katalana. Nire aukera eskaini nien eta haiek berena erreklamatu. Eta nire helburuak aintzat hartuta, kontua ez da zein den bi hautuetan interesanteena, hezteko aproposena, baizik eta euskara entzun, eztabaidatu, epaitu eta D ereduan (dena euskaraz) gure arteko komunikazioan ezinbesteko tresna bihurtzeko  bertsoak zenbat balio dezakeen frogatu. Egundoko indarra du bertsoak eta argibide gutxirekin, itsuaurreko lan apur bat azpimarrak seinalatzeko eta lotura orokorrak ikusten laguntzeko gidaritza ttiki batez, euskara elikagai gustagarri bilakatzen du. Eta badago zerbaiten premia hainbeste kalko zizelkatzen zaizkigun garaiotan: "Bihar ikusten gara, gero egoten gara; "nire sesioan sartu nahi baduzu" (ordenagailuan, zure saioan ala sestran?); "hori horrela izan da urte luzeetan" (eta urte motzetan? bisurteak –egun bat gehiago– ote dira luzeak?); "mendian zehar ibili ginen" (bai eta Aizkorrira igo zinetela diozu… oso zehar ez!); "kaletik dabil…". Edo eman / emon aditzaren eraldatze sinestezina: "Hirugarren munduan pobrezia ematen da" (eta hartu?); "bihotzekoak eman dio" (lehen jo egiten zuen eta, ia beti, eman ordez kendu); "muturrez eman da atearekin (eta ipurdiz erori atzeraka ordez!)".
news
argia-fbbe50992f3e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/espainiako-hiriburua-paris.html
Espainiako hiriburua Paris
Baleren Bakaikoa Azurmendi
2017-11-19
Espainiako hiriburua Paris Behin baino gehiagotan entzun dugu Espainiaren eraketa Frantziakoaren antzekoa dela. Hortaz ez da harritzekoa borboitarrek, Espainiako Erresuma hainbat mendetan bere esku izan duten dinastiak, Frantzian izatea jatorria. Beraz, normala da Frantziako eredua Espainian kopiatu nahi izatea, baina baditu kopiatzea horrek bere berezitasunak. Frantzian Iraultza egin zen duela bi mende eta erdi eta borboitarrak desagertu ziren edo urkamendira eraman zituzten. Espainian, aldiz, tarte labur batzuk kenduta, hor diraute agintean. Izan ere, familia osoa Erresumako aurrekontuen gain bizi da, bestelako diru iturri batzuk kontuan hartu gabe. Madrilek Paris moduko hiriburu izan nahi du. Horregatik, Estatuko administrazio publikoa bertan kokatuta egoteaz gain, jarduera ekonomiko oro bertan zentralizatu nahi dituzte. Azken finean, Madril hiriburu ekonomiko, militar eta administratibo bilakatu dute. Eta alderdi politiko gehienen komunikazioa, politika, kultura ere bertatik irradiatzen dira Estatu osora. Hori guztia mantendu ahal izateko dirua behar da eta hori aurrekontu publikoen gain gauzatu ahal izan dute: horregatik inbertsio publiko gehienak Madrilen egiten dira, Katalunia eta beste herrialde batzuk saihestuta. Ondorioz, kataluniarrak abandonatuta sentitzen dira, estatu normal batek bere hiritar ororengana iritsi behar bailuke. Kataluniaren independentziarako norabidea galgatu nahian, bertako enpresa erraldoiak erakartzen saiatzen ari da Madril, orain arte horrelako politika ankerrik gauzatzen saiatu ez balitz bezala. Euskaldunok ere zerbait badakigu, jakin ere, horrelako aferez. Esaterako, hor daukagu BBVAren kasua: interes politikoen ondorioz, jarduera guztia eraman zuen Bilbotik Madrilera, lanpostu zuzen eta zeharkako gehienekin.   Katalanak beldurtze aldera, Espainiako komunikabide gehienak azpimarratzen ari dira CaixaBankek, Banco Sabadellek, Aguas de Barcelonak, eta abarrek Kataluniatik egoitza soziala atera dutela, horrek utziko dituen ondorio kaltegarriekin, batik bat zergetan. Baina hainbestekoa izango al da ondorio negatibo hori? Katalanak beldurtze aldera, Espainiako komunikabide gehienak azpimarratzen ari dira CaixaBankek, Banco Sabadellek, Aguas de Barcelonak, eta abarrek Kataluniatik egoitza soziala atera dutela, horrek utziko dituen ondorio kaltegarriekin, batik bat zergetan. Baina hainbestekoa izango al da ondorio negatibo hori? Jadanik enpresa horiek beren jarduera ekonomiko handiena Kataluniatik at gauzatzen dute. Nahiz beren jatorrian kataluniarren aurrezkiak izan, gurean Euskaltelen kasuan lez; denboraren poderioz enpresa horien jarduera elite ekonomiko eta politiko espainiarren eskuetara joan da eta berau da gehien profitatzen den klasea. Bestalde, enpresa horien ohiko jarduerak eta kudeaketak Katalunian gauzatzen jarraituko ei dute, bertako merkatua oso garrantzitsua baita; bestela ikusi zer nolako beldurra sortu zen Banco Sabadelletik dirua ateratzen hasi zirenean kataluniarrak. Bestalde, enpresa erraldoi horiek sortutako mozkinen gaineko zergak Estatuko ogasun zentralak bilduko ditu; beraz, orain arte bezala. Jarduera ekonomikoen gaineko zerga, tokiko zerga, egoera berdinean geratuko da eta Kataluniako herrietan gauzatutako jarduerek Estatuko ogasun zentralak transferituko die, tokiko eragiketa ekonomikoen arabera. Galduko lukeen diru sarrera publiko bakarra sozietateek kapitalaren eragiketen (Transmisio eta Ekintza Juridikoen gaineko Zerga: kapital soziala handitu, murriztu, e. a.) gaineko zerga izango litzateke, nahiz bolumen txikiko zerga den. Hori dena, gaur egungo estatusak jarraitzen baldin badu, baina independentzia eskuratzen duen bezain pronto, Kataluniako ogasun publikoak izango lituzke eskumen horiek guztiak eta Madrilekiko menpekotasunetik askatuko litzateke, herrialde subirano gisa zerga eskumen oro bereak izango baitira, ez Espainiarenak.
news
argia-c2375cab4bab
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/arabako-gazte-euskaltzaleak.html
Urte berean bigarren topaketak egingo dituzte
Onintza Irureta Azkune
2017-11-19
Urte berean bigarren topaketak egingo dituzte Urtebeteko tarterik ere ez dute hartu bigarren topaketak egiteko. Lehenengoa 2017ko urtarrilaren 28an egin zuten eta bigarrena azaroaren 18an egingo dute.  Ez da seinale txarra. Haizea Alonso Aberasturik eta Jon Insausti Bizkarrak errepikatu egingo dute. Urtarrileko topaketetan oso ondo pasa zuten eta orain gogoz eta jakin-minez gerturatuko dira Gasteiza. Arabako gazte euskaltzaleak elkartuko dira Gasteizen. Haizea Alonso baino gazteagorik apenas azalduko den topaketetara. 16 urte ditu, Gasteizen Lanbide Heziketan sukaldaritzari lotutako ikasturtea hasi berri du eta Mendialdeko Urizaharra herrikoa da. 3.000 biztanle bizi dira Mendialdean, Kanpezu du herri nagusia (1.200 biztanle inguru) eta Urizaharran 300 bat herritar bizi dira. Urtarrileko topaketetara antolatze lanetan aritu zen Unai Vianak, Topagunean Gorbeialdeko Mintzalagunako koordinatzaileak, deituta joan zen, animatzeko esan zion eta Alonso joan egin zen. Pena du goizez ez zelako joan eta badakielako eguneko lehen zatian Araba osoko gazteek euskararen inguruan egiten ari diren esperientziak kontatu zituztela. Arratsalde-pasa hura asko gustatu zitzaion eta orain egun osorako doa. Ondo pasatzea ez da Alonsoren helburu bakarra, inguruko gazteei topaketetara joateko gogoa piztea nahiko luke, aisialdian euskara bultzatzea nahi duelako. Topaketak jendea gerturatzeko amua izan daitezkeela uste du. Euskara etxetik eta ikastolatik jaso du.   Aitak euskaraz badaki, amak ez. Izebek euskaraz egiten dute. Beste kontu bat da zenbat egiten duten euskaraz egunerokoan, Alonsoren ustez, nahi baino gutxiago. Urizaharran ia urte osoan euskara oso gutxi entzuten dela dio, baina udan giroa aldatzen dela, euskara gehiago entzuten omen da. Alonsok herriko eta inguruko herrietako lagunekin gutxi egiten du euskaraz, nahiz eta badakien haietako askok euskaraz badakitela. Aldiz, Gasteizen askoz gehiago egiten du, lagun gehienekin euskaraz aritzen da. Gasteizen egin ditu ikasketak, euskaraz, eta orain ere Gasteizen ari da ikasten. Esan genezake bere bigarren bizilekua dela. Arabako hiriburuan ditu lagun asko, ikastolakoak eta bestelakoak. Bere herriko eta hiriburuko giroaren artean halako diferentzia zergatik dagoen galdetu diogu eta hauxe esan digu: "Nik nabaritu dut, Gasteizen gazteen artean euskara gero eta gehiago erabiltzen da, nire inguruan behintzat bai, baina ez dakit zergatik den hala". Topaketetara zein intentziorekin doan galdetu diogu eta esan digu jende asko joatea nahiko lukeela, ondo pasatzeko gogoa duela, euskara erabili nahi duela, eta nola ez, hirugarren topaketak antolatzea nahiko lukeela. Ez da ordea, topaketa helburu. Etxera, Urizaharrera, itzulitakoan honelako esaldiren bat entzun nahiko luke gazteen ahotik: "Zergatik ez dugu egiten halako edo bestelako?". Eta herria gaindituta Arabako kuadrillen artean lanean hastea nahiko luke. Argantzunen gazteek helduko diote euskara elkarte ahulduari Jon Insausti Bizkarra Argantzungoa da. Argantzun Espainiako Burgos probintziako udalerria da. Trebiñuko barrendegian dago eta Trebiñuko barrendegiko beste udalerria Trebiñu da. Argantzunen 500 biztanle inguru bizi dira. Lehenengo topaketetan bazkalondoren. Argazkia: Topagunea. Insaustik 20 urte ditu eta urtarrilean Unai Vianak gonbidatuta eta Trebiñuko bi lagunekin izan zen topaketetan. Asko gustatu zitzaion, oso polita izan zela dio eta uste baino jende gehiago (60 inguru) bildu zela du gogoan. Kuadrilletako esperientziak entzutea aberasgarria izan zela uste du eta haien artean diferentzia handiak ez daudela iruditu zitzaion. Bigarren topaketetan ere izango da, baina ez urtarrilean moduan. Bigarren honetan antolaketa lantaldean izan da, Urizaharrako Haizea Alonso bezalaxe. Hainbat bilera egin dituzte topaketak antolatzeko.  Urtarrileko topaketek ezten lana egin zuten gazte batzuen artean. Argantzunen euskara elkartea dago Gutxisolo izenekoa, baina kideak zahartzen ari dira eta erretiroa hartzekotan dira. Topaketetan sua piztuta, gazte batzuek txanda egitea pentsatu dute, eta elkartzen hasi dira. Zaharrenak 24 urte ditu. Insaustiren gertueneko bidaideak bata Sasetakoa eta bestea Saratsukoa dira, Trebiñukoak alegia. Argantzunen euskaldunak badaudela dio, baina gazte askok Miranda de Ebron ikasi dute, gaztelaniaz, eta euskaraz ez dakite. Bere ustez, Gutxisolo elkartearen inguruko jendea eta 40 urte inguruko batzuk dira euskaraz gehien egiten dutenak: "Nahiz eta euskaldunberriak diren, edo agian horregatik, euskara lantzeko lana egin dutelako, gehiago erabiltzen dute. Gazteen artean, berriz, gutxi". Insaustik etxean euskaraz egiten du gurasoekin eta anaiarekin. Ikasketa guztiak berriz, Gasteizen egin ditu, Argantzungo ikastola ez zegoeneko garaikoa baita. Euskaraz ikasi du. Ez du Haizea Alonsok bezala diferentzia handirik aurkitu Argantzunen eta Gasteizen artean. Bietan saiatzen da euskaraz egiten, beste kontu bat da zenbatetan lortzen duen hala egitea. Banakako harremanetan askoz gehiago egiten du euskaraz eta taldean gaztelaniaz. Topaketetarako gogoz dago, baina badaki egun hori mugatua dela. Prestaketa lanetan Arabako kuadrilletako gazteei ideia piloa bururatu zaie eta Insaustiri iruditzen zaio topaketak bukatu eta gerorako zeregina izango dutela. Oharra: Lehenengo topaketen ondoren Unai Viana antolatzaileak ARGIAri egindako balorazioa artikulu honetan irakur daiteke .
news
argia-7f1c28ebc07b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/herrira-auzia-600-urteko-kartzela-eskaera-presoak-babesteagatik.html
Herrira auzia: 600 urteko kartzela eskaera presoak babesteagatik
Xabier Letona
2017-11-19
Herrira auzia: 600 urteko kartzela eskaera presoak babesteagatik EPPK-ko presoak defendatzea arriskutsuagoa da XXI. mendeko Espainian frankismo gorrian baino. Edo haien aldeko lan politikoa egitea, haien eskubideez arduratzea edo beren senideak diruz babestea. Salbuespenezko dena da ETA doktrinak bizi-bizi dirau. 2011ko urriaren 20an ETAk bere historiako erabaki garrantzitsuena jakinarazi zion euskal gizarteari: borroka armatua utziko zuen. Oraingoan gizarte osoak sinetsi zuen erakunde armatuak esandakoa, Madrilgo bulego mesfidatienetik eta euskal gizarteko azken sukalderaino. Sufrimenduaren amaierak bazuen hasiera datarik. Euskal gizarteak harritzarra kendu zuen gainetik eta beste bat bizkarreratu zuen, Sisifok baino zorte handiagoa izango zuelakoan: bakea eraikitzen hasteko ordua zen. Egia, justizia, erreparazioa eta gisako kontzeptuen dantzari gogor ekin zioten hamaika bazterretan. Esperantza barreiatu zen han-hemenka, baita euskal preso politikoen mundu zabalean ere. Ezaguna zen ez zela Irlandan moduan gertatuko, han armen isiltzea eta presoen kaleratzea negoziazioz lotua egon zen. Ezker abertzalea jakitun zen presoekiko edozein onura prozesu geldoa izango zela, bereziki kaleratzea. Baina ez hainbeste. Ez zen inongo urratsik egon preso gaixoen esparruan, ez hurbiltze prozesuetan, ezta bestelako espetxe onuretan ere. Eta  oraindik ere ez dago. Aitzitik, espetxe politika malgutzera baino, presoen laguntza mundua inoiz ez bezala zigortzera jo zuen PPren Gobernuak: 2012, 2013 eta 2014 artean euskal presoei babesa emateko sortutako hainbat egituretako 48 pertsona atxilotu zituen eta auziperatu: denak ziren ETA. Zuzenbidearen munduko protesta agerraldia, presoen abokatuen aurkako sarekada salatuz. (Arg.: Uriola) ETAren "espetxe frontea" Horrela sortu zen Herrira auzia edo Espainiako Auzitegi Nazionalean "espetxe frontearen auzia" deitzen dutena, legez 11/2013 auzia. 1960ko hamarkadan ETAren lehen presoak sortu zirenetik dira haien defentsaz arduratzen diren abokatuak; edo gizartean sostengu ekonomikoa edo politikoa eman dieten herritarren sektore zabalak, hainbat moldetan antolatuak. Hala zen 1978an, 1998an baita 2017an ere. ETAren "espetxe frontea" deitzen dio Auzitegi Nazionalak esparru horri eta, 48 pertsonari 8 eta 21 urteko espetxe zigorrak eskatzen dizkie fronte horretakoak izatea leporatuta. Dena da ETA doktrinapean, Amnistiaren Aldeko Mugimendua eta Askatasuna erakundea legez kanpo utzi zituen Auzitegi Nazionalak iragan hamarkadaren hasieran eta dozenaka lagun espetxera bidali. Epaitegiaren aburuz, Herrira auzia mugimendu haien azken kapitulua da: haiek ETAk zuzentzen zituen eta hauek ere bai, eta hauen zuzendaritzetan direnek edo ordainpeko lanean ari diren denek badakite hala dela. Dena da ETAren guardasol juridikorik gabe justifika ezina zen "espetxe fronte" horren aurka egitea, eta horren erakusle da Amnistiaren Aldeko Mugimendua 2001ean jarri zuela legez kanpo Espainiako justiziak, ez lehenago. Ezaguna da ETAren jarduera armatuaren garaian nola justifikatzen zen dena da ETA hori. Baina nola justifikatzen du instrukzioa egin duen Eloy Velasco epaileak hauen aurka jotzea ETAk borroka armatua utzi ondoren? Honek jarduera armatua uztea erabaki zuenean, "lehengo jarduera terrorista" "indar metaketaren" truke aldatu zuen; "azken kontzeptu honekin Ezker Abertzale osoaren estrategia berri bati egiten zaio erreferentzia, 'prozesu demokratikoa' deitzen dutena, zeinaren helburua den indar politiko eta sozial ahalik eta gehien biltzea Euskal Herria nazio gisa aitortu eta bere erabaki eskubidea lortzeko". Bestela esateko, berdin da ETAk jarduera armatua alboratzea eta armak entregatzeko jarrera agertzea; eta berdin litzateke kalean panpinak saltzeari ekingo balio ere, kontua ez baita zer egiten den, noren zerbitzura dagoen baino. Fiskaltzaren ustez presoei laguntza ematen dieten hauek guztiek ETAren aginduetara dira, auzipetuek badakite hori eta, beraz, ETAko kide dira. Auzipetuak bost taldetan banatzen ditu epaileak: Herrira mugimendua, abokatuak, EPPKren bitartekaritza taldea, Etxerat eta Jaiki Hadi (presoen osasun fisiko eta psikologikoaz arduratzen den elkartea). Leporatzen dizkien jarduera guztiak 2012an, 2013an eta 2014an egindakoak dira: dirua biltzen dute EPPK-ko presoentzat, presoen aldeko kanpainak egiten dituzte, omenaldiak antolatu aske gelditzen direnean, abokatuek defentsa lanak, psikologo eta medikuek zaintza lanak, bitartekaritza lana gizarteko beste eragile batzuekin… Hainbat talde arduratzen dira hauen koordinazioaz, batzuetan Koordinazio Gunea deituko da eta hurrengoan Koordinazio Taldea. Guztiaren gainetik "Halboka" dago –h-rekin idatzia agertzen da agiri judizialetan–, polizi iturrien arabera, "espetxe frontea" gidatzen duen ETAren egitura. Hamar euskal herritar daude auziperatuak "Halboka"-ko kide gisa. "EPPKren kontrola" Fiskaltzaren arabera, "AAMrekin edo Askatasunarekin zerikusirik ez dutela diote Herrirakoek, baina erakunde haiek egiten zutena egiten dute". Eta helburu berberarekin gainera: "EPPKren  kontrol politikoa" (…) "EPPK-ko presoen kohesioa eta ETArekiko hauen fideltasuna giltzarri delako erakunde terroristaren estrategia berriaren garapenerako eta bere helburuen lorpenerako". Bitxia da, beste une batean fiskaltzak dio ETArentzat klabea dela EPPK-ko presoek ez onartzea Espainiako espetxe legedirik, eta hori lortzea ere badela "espetxe frontea"ren zeregina. EPPK-k, ostera, 2011tik gaurdaino egindako debatean legalitate hori onartzen duela iragarri du. 2011n ekin zion barne eztabaidari eta 2013aren amaieran iragarri zuen gatazkan "egindako kaltea aitortzen zuela" eta Espainiako legediak eskainitako bakarkako bideak onartzeko eztabaidari ekingo ziola. 2017ko uztailean iragarri zuen ontzat ematen zuela EPPK-ko kideek lege onurak onartzea, beti ere bi marra gainditzera behartu ezean: damua eta salaketa. 2012an Herrira sortu zenean, publikoki adierazi zuen bere zeregin garrantzitsuena izango zela EPPK-ko presoek eta iheslariek egin beharko zuten prozesuan laguntzea, presoak eta gizarte eragileen komunikazioa erraztuz, preso eta iheslarien eztabaida lagunduz eta, azken finean, gatazkaren amaiera ordenatuan presoak ere eragile aktibo izatea babestuz. Epaile instruktoreak ez dio garrantzirik ematen borroka armatuaren ondorengo garaiari, haren ustez atzemandako agiri ugarietan argi ikusten da presoen inguruko elkarte eta erakunde hauek ETArekin duten harremana. Edozein modutan, guztiz argi ere ez dago antza, auziperatze autoaren lehen kapituluan instruktoreak zera aitortzen baitu Herrira elkarteari buruz: "Atzemandako dokumentazioan ez da aurkitu agiririk Herrira eta ETAren arteko harreman argirik zehazten dutenik". Orduan, nola dira Herrirako kideak ETAko kide? 2014ko urtarrilean Bilbon adierazpen askatasunaren aldeko manifestazioa jendetsua egin zen, presoen aldeko ohikoa debekatu ondoren. (Arg.: Dani Blanco) Auziarekiko zalantzak epaileen artean ere Egiazki, fiskaltzaren salaketan aipatzen diren froga guztiak 2012 aurrekoak dira eta, beraz, ez lieke eragin behar auziperatuei. Hori da behintzat Cándido Conde-Pumpido ponente duen apelazio helegiteak esaten duena, Iñaki Goioagaren auziperatzeari buruzko helegite bati erantzunez. Epaimahaiak atzera bota zuen Goioaga ez auziperatzeko helegitea, baina mahai gainean utzi zituen kontzeptu interesgarri ugari, esaterako frogei buruz: "Une honetan ezin dira kontuan hartu ikertzen ari diren ustezko delituen garaia baino askoz lehenagoko froga dokumentalak, horrela anakronismoan erortzeko arrisku larria dago eta". Helegiteari erantzunez, esaten da, "ustezko delituak gertatu zireneko garaia zehazki baloratu behar dela, 2012, 2013 eta 2014koak direla, hau da, erakunde terroristak ekintza armatuak utzi ondorengoak".  Areago, azpimarratzen da ezin direla kidetza edo kolaborazio kriminaltzat hartu ETAren "behin-betiko desagertzera bideratutako jarduerak", bereziki hauek "ekintza terroristak egitera bideratzen ez direnean". Zalantzak asko dira, eta auzi hau aurrera atera zuen Zigor Salaren Bigarren Sekzioko Jose Ricardo de Pradak ere bereak aireratu zituen idatzitako boto partikularrean. Hainbat arrazoirengatik, ez zegoen ados auziperatzearekin. Esaterako, uste du poliziaren txostenek  "sarri ondorio baloratiboak" dituztela, "gertaera objektiboak izatetik harago". Aurkitutako aztarnek eta horietatik egin diren interpretazioetatik ezin dela ondorioztatu "jarduera terroristarik izan denik. Aitzitik, agerian uzten dute ETAren bitarteko terroristetatik jarduera politikora dagoen bilakaera". Irtenbide politikora bideratutako jarduerak ezin direla auziperatu dio De Pradak eta "espetxe legedia ez onartzeak" ondorioak izan ditzakeela presoarengan "baina ezin da hori kriminalizatu". Jurista, herritar eta beste askoren iritzia da: halako auzi bat bideraezina beharko litzateke zuzenbideko estatuan, baina ETAren aurkako borrokan eraikitako salbuespen munduan dena da posible: lehen erakunde armatuari aurre egiteko eta orain, mendekurako, euskal gizarteak beharko lukeen bake prozesua oztopatzeko edo Kataluniako independentismoa zigortzeko. Sareko manifestazio batean bildutako 75.000 bat euro atzeman zuen Guardia Zibilak eta Auzitegi Nazionalak oraindik ez du itzuli.   2018KO UDAZKEN ALDERA EGIN LITEKE EPAIKETA Auziaren instrukzioa Eloy Velasco epaileak egin du. Epaimahaia osatzen dute, Alfonso Guevarak –lehendakaria–, Clara Bayarrik –ponentea– eta Gillermo Ruiz Polancok. Fiskalak ia 600 urteko espetxe zigorra eskatu du 48 auziperatuentzat. Guztiei leporatzen die talde armatuko kideak izatea, salbu eta bati, honi talde armatuarekiko kolaborazioa leporatzen dio. Leporatzen zaizkien gertaera guztiak 2012, 2013 eta 2014koak dira, ETAk borroka armatua utzi ondorengoak –2011ko urriak 20–. Guevara magistratua oso polemikoa da Auzitegi Nazionalean, bere tonu zakarragatik edo beste kide batzuekin eta auto-gidariekin izandako istiluengatik, besteak beste; hala ere, badu zorrotz ospea ere eta esaten da ez duela men egiten beste botere batzuk saiatzen direnean bere esparruan sartzen. Clara Bayarrik aurrerazale ospea du espainiar judikaturan eta, esaterako, herriko tabernen makrosumarioan boto partikularra eman zuen epaian, jarritako zigorrarekin desadostasuna agertuz. Bere ustez, funtsean, orduan zigortutako gehienak jarduera politikoa egiten ari ziren, leporatzen zitzaizkien delituak ez zeuden zigor kodean eta, gainera, ez zen nahiko froga aurkeztu auzipetuak  ETArekin lotzeko. Ahozko auziak ez du datarik oraindik eta luzerako joko duela dirudi. Itxuraz, ez da egingo 2018ko udazkenaren aurretik. Irailaren amaieran fiskaltzak bere zigor eskaera egin zuen eta orain akusazio partikularrak –AVT eta Dignidad y Justicia– beren eskaerak egin behar dituzte. Ondoren abokatuen defentsa idatziaren txanda da.   ESPETXE ZIGOR ESKAERAK Herrira Fran Balda: 21 urte Amaia Esnal: 13 urte eta 6 hilabete Eneko Ibarguren: 13 urte eta 6 hilabete Ekain Zubizarreta: 13 urte eta 6 hilabete Roberto Noval: 13 urte eta 6 hilabete Ibon Meñika: 15 urte Jose Antonio Fernandez: 15 urte Oscar Sanchez: 13 urte eta 6 hilabete Gorka Gonzalez: 14 urte et 3 hilabete Jon Garai: 13 urte eta 6 hilabete Sergio Labayen: 13 urte eta 6 hilabete Manu Ugartemendia: 13 urte eta 6 hilabete Eneko Villegas: 13 urte eta 6 hilabete Nagore Garcia: 13 urte eta 6 hilabete Jesus Mari Aldunberri: 13 urte eta 6 hilabete Beñat Zarrabeitia: 13 urte eta 6 hilabete Ane Zelaia: 13 urte eta 6 hilabete Imanol Karrera: 13 urte eta 6 hilabete Jon Mindegiaga: 15 urte Javier Carvallido: 17 urte Nagore San Martin: 17 urte Emilie Martin: Zehaztu gabe EPPKren bitartekariak Arantza Zulueta: 14 urte Jon Enparantza: 14 urte Jose Luis Campo: 12 urte Asier Aranguren: 12 urte Aitziber Sagarminaga: 12 urte Egoitz Lopez de la Calle: 12 urte Aintzane Orkolaga: 12 urte Mikel Almandoz: 12 urte Naia Zuriarrain: 8 urte Abokatuak Alfonso Zenon: 11 urte Kepa Mantzisidor: 11 urte Eukene Jauregi: 11 urte Ane Ituiño: 11 urte Aiert Larrarte: 11 urte Ainhoa Bablieto: 11 urte Arantza Aparicio: 11 urte Onintza Ostolaza: 11 urte Haizea Ziluaga: 11 urte Amaia Izko: 11 urte Jaione Karrera: 11 urte Atxarte Salvador: 11 urte Iñaki Goioaga: 11 urte Jaiki Hadi Fernando Arburua: 11 urte Oihana Barrios: 11 urte Etxerat Izaskun Abaigar: 11 urte Nagore Lopez de Luzuriga: 11 urte Oharrak  Denei eskatzen zaizkie 11 urte ETAko kide izatea leporatuta  9 auzipeturi berrerortzea leporatzen zaie eta larrigarritzat hartzen da (11 + 1) 19 auzipeturi terrorismoa goratzea leporatzen zaie (2 urte eta 6 hilabete) 3 auzipeturi 3 urteko zigor eskaera talde terrorista finantzatzea leporatuta Denei eskatzen zaizkie 12 urteko inhabilitazio berezia enplegu eta kargu publikorako, 10 urteko inhabilitazio osoa, eta 8 urteko zaintzapeko askatasuna
news
argia-ad034d2a61a6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/juana-balmaseda-ripero-abokatua.html
"Kontrasalaketekin, erasotzailea eta biktima maila berean jartzen dira"
Dabi Piedra
2017-11-19
"Kontrasalaketekin, erasotzailea eta biktima maila berean jartzen dira" Indarkeria matxistagatik salatutako gizonezkoek biktimaren aurkako kontrasalaketa jartzea gero eta ohikoagoa dela nabaritu dute genero indarkeriaren aurka lanean ari direnek. Juana Balmaseda Ripero abokatuaren esanetan, emakumearen salaketari sinesgarritasuna kentzeko estrategia da. Elkar salatu badute, maiz etxe barruko liskartzat jotzen da gertatutakoa, indarkeria matxistatzat hartu ordez. Genero indarkeriari eta sexu erasoei aurre egiteko Emakundek koordinatutako lantaldean, abokatuen arloaren ordezkaria da Balmaseda. Erasotzaileek biktimaren kontrako salaketa jartzea, estrategia judizial gisa, gero eta ohikoagoa da? Zuzenbidearen munduan ibilbide luzea egin dut eta argi eta garbi esan dezaket, azken urteetan ikusi dudanaren arabera, erasotzaileek asko ikasi dutela. Beren aurkako salaketei aurre egiteko garatu dituzten estrategien artean, ohikoa da salatuak ere salaketa bat jartzea, hau da, ustez tratu txarrak eman dituenak biktima salatzea gero eta gehiago ikusten ari gara. Zer arrazoi daude estrategia horren atzean? Batetik, jakina, prozesu judizialera begirako estrategia da. Bestetik, biktimari indarra kentzeko asmoa ere badago, edo haren sinesgarritasuna zalantzan jartzea, duda sortzea. Honek eragin ditzakeen perbertsioak oso handiak izan daitezke, prozesu guztia desitxuratzeraino. Badirudi estrategia horrek emaitza ona ematen diela batzuetan. Salaketa jaso duten gizon askok biktimatzat dute beren burua. Emakumeari mesede egiten dion sistema batek kalte egin diela uste dute, eta justizia arloko hainbat eragilek mezu horiek aintzat hartzen dituzte. Sistemak bere oinarri patriarkala agerian uzten du, interes hutsagatik ipinitako salaketa batetik abiatu eta gizonaren alde jartzen denean. Garbi dago honek mesede egiten diela estrategia horri ekiten diotenei, bestela ez lukete egiten segituko. "Tratu txarrak jasan eta, hala ere, indarkeriagatik emakumeak berak kondena bete behar izan duen kasu bat baino gehiago ezagutzen dut" Egokiak dira gaur egungo legeak? Hemen badugu arazo nabarmen bat, ze biktimei babesa emateko legea badago, Lege Integrala esaten zaiona, kritikagarria izanda ere neurri eraginkor asko eskaintzen dituena. Baina legea izatea ez da nahikoa, emakumeen aurkako indarkeria ulertzeko eta haren aurrean nola jokatu jakiteko zinezko kultura kritikoa ere behar da, legea aplikatu eta interpretatzeko formakuntza. Genero ikuspegia eta ikuspuntu feminista kontuan hartu behar dira. Gizartean zabaldu da feminismoa jarrera ideologiko erradikala dela, gizonen aurkakoa. Ezta pentsatu ere, hain zuzen ere, feminismoa halakotzat hartzea ikuspegi matxistatzat joko nuke. Feminismoa behar dugu ikuspegi kritikoa izateko legea irakurtzeko orduan. Legea interpretatzen ere jakin behar baita, itxuraz neutroa da legea, baina ezer neutrorik ez da, are gutxiago auzi honetan. Epaileek, fiskalek, abokatuek eta abarrek formakuntza teknikoa izatea ez da nahikoa, genero gaiak ulertzeko formakuntza ere behar dugu. Formakuntzarik ezean, gizartean hedatutako aurreiritzien menpe dago justiziaren arloa? Prozesuan parte hartzen duten guztiek gogoan izan behar dituzte hainbat aldagai, esate baterako, maiz erasotzailea eta biktima ez direla posizio berean egoten. Justizia administrazioan txipa aldatzeko nolabaiteko erresistentzia sumatzen dut batzuetan, alor guztietan daude aurreiritziak. Autokritikarik egin ezean, gizartera zabaltzen dira funtsik gabeko zurrumurruak, adibidez emakumeek salaketa faltsu asko jartzen dituztela. Kontrara da, oraindik indarkeria mota asko guztiz isilduta daude. Emakumeentzat ahalegin handia da salaketa jartzea, ez doaz arinkeriaz epaitegira nik ez dakit zer onura eskuratzeko. Zoritxarrez, epai batzuk irakurrita nabarmena da aurreiritzi batzuk oraindik badaudela. Horregatik, erasotzaileak biktima salatzen badu, lagundu egiten du aurreiritzi horiek indartzen. "Beharbada bai, emakumeak egin du erasoa, baina atzean dagoena ikusi behar da, defendatzeko egin duen adibidez" Erasoa jasan duten emakumeak salaketarik ez jartzera bultza ditzake horrek? Pentsa emakume batek ikusten duela bera ere zigor dezaketela, etxe barruko indarkeriagatik. Beharbada bai, egin du erasoa, baina atzean dagoena ikusi behar da, defendatzeko egin duen adibidez. Halako kasuetan sistema judizialean zuen konfiantza galdu egiten du. Pentsa zer den erasoa salatu eta, azkenean, norberak kondena jasotzea eta beste partea epaiketatik onik irtetea. Tratu txarrak eman dituena da garailea kasu horietan. Beste indarkeria mota bat da, sistema judiziala tratu txarrak emateko erabiltzea da. Azken batean, biktimak, gehienetan, ez dira biktima perfektuak, antzezlana edo filma balitz bezala. Izan liteke gertatutako guztiaz ez oroitzea, kontraesan batzuk izatea, bere egoera ondo azaltzen ez jakitea edo frogak une egokian ez aurkeztea. Hori da errealitatea, eta erasotzaile askok hori baliatzen dute, kasua beren alde jartzeko. Abokatu garestiak hartzen dituzte. Botere asimetria dago eta hori salaketaren ondorengo prozesuan igarri egiten da. Erasotzaileek, epaiketan erruduntzat jota ere, behar luketena baino kondena txikiagoa jasotzen dute kontrasalaketaren estrategiari esker? Bai, tratu txarrengatik aurrez egon den salaketari indarra kentzeko modua da. Aurrekaririk ez badago edo emakumeak lehenago ezer ez bazuen salatuta, epaileak pentsa lezake bikotearen barruko liskar bat baino ez dela izan. Eraso matxistari larritasuna kentzen zaio. Epaile batzuek nahiago izaten dute bide errazetik jo eta biak absolbitzea. Beste zenbaitetan, ordea, epaileak ikusten du biek erabili dutela indarkeria, eta biei ezartzen die zigor berdina. Egoera hori ikusita, biktima askok akordioa egitea erabakitzen dute, azkenean erasotzailea eta biktima maila berean jartzen dira eta, gainera, epaiketak ez du aurrera egiten. Egokiena borrokatzea litzateke, baina beti ez da gertatzen, askok nahiago dute aurrera ez egin, ondorioen beldur direlako. Tratu txarrak jasan eta, hala ere, indarkeriagatik emakumeak berak kondena bete behar izan duen kasu bat baino gehiago ezagutzen dut. Normalean ez dira zigor gogor-gogorrak izaten, baina kezka ugari datozkio emakumeari burura: Seme-alaben zaintzarekin zer gertatuko den zalantza eragiten dio, esaterako. "Epaileek, fiskalek, abokatuek eta abarrek formakuntza teknikoa izatea ez da nahikoa, genero gaiak ulertzeko formakuntza ere behar dugu" Nola animatu egoera horretan dauden emakumeak borrokan segi dezaten? Emakumeak salaketa jartzera animatu behar ditugu, baina zer aurkituko duten garbi azaldu behar zaie. Babes egokia eman behar zaie, ez bakarrik legearen arloan. Baita osasunean, psikologian eta beste alor askotan ere. Era honetako prozesu bati aurre egitea gogorra da eta emakumea prest egotea komeni da, ahalduntze kontu bat da. Konpromiso politikoa eta soziala behar da, biktima ezin da bakarrik utzi egoerari buelta emateko ahaleginean. Eraso egin dioten emakume bati zer gomendatuko zenioke, prozesuan ahalik eta bermerik gehien izan dezan? Aurrena, eraso fisikoa bada behintzat, osasun zentrora joatea gomendatuko nioke, lekukotza egon dadila, eta ondoren salaketa jarri. Aholkularitza juridiko aproposa bilatzea ere ezinbestekoa da, salaketa jartzeak zer dakarren ezagutu behar du. Gainera, segurtasunaz arduratzea komeni da, maiz salaketa jartzea eta etxera bueltatzea norbere burua arrisku handiagoan jartzea da. Emakumeei orientazioa ematen dieten guztiek erantzukizun itzela dute, aholku egokiak emateko eta biktimaren ikuspegia errespetatzeko. Tsunami judiziala dakar salaketak, horri ezin zaio edonola aurre egin. Epaiketetan ari zaretenontzat, aldiz, zein da salaketa faltsuak atzemateko bidea? Ustezko erasotzaileak salaketa jarri izanak ez du esan nahi faltsua denik. Berak bere ikuspegitik azalduko ditu gertaerak, izan liteke biktimak erasotzailea jo izana bere burua babesteko. Baina bereizi egin behar da zer den defentsarako erabilitako indarkeria. Horretarako, frogei kasu egin behar zaie, perituen edo lekukoen esanei. Salaketan deskribatzen diren gertakariak benetan hala gertatu diren begiratu behar da, batzuetan agerikoa da kolpe edo zauri bat defentsarako baino ez dela izan. Tratu txarren berri izaten dugunean, ezinbestekoa da ulertzea hori ez dela gertakari isolatu bat, arazo sakonago baten ondorioa baizik. Hori barneratu ezean, ez da erraza ikustea nor den benetako biktima, honek zer laguntza behar duen eta zer baliabide eskaini behar zaizkion.
news
argia-51f7741df48a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/dantza-egiteko-gasolina.html
Dantza egiteko gasolina
Iker Barandiaran
2017-11-19
Dantza egiteko gasolina Gose taldeak oso ibilbide luzea egin du, sorreran askok espero genuena baino emankorragoa. Zerotik hasi zen taldea, trikia eta elektronika batera askatzen, proposamen desberdinak sortzen eta eskaintzen, eta jantzi goxoaz bazen ere, probokatzen eta gauzak argi esaten. Ia oharkabean beraien lekua eraiki zuten eta asko izan ziren lortutako gailurrak. Izan ere, lorpen oso bitxiak izan zituzten, distantzia hartuta perspektiban ikusi beharko ditugunak. Baina, era berean, urte gogorrak izan dira, erritmo bizikoak, geldiezinak… eta azkenean heldu zen atsedena hartzeko unea, gaindituta; ilusioa eta jakinmina direlako benetako gasolina. Gasolina gabe ez dago dantza egiterik. Tarte honetan horietako batzuek gasolina batu dute eta, errazena Gose berpiztea bazen ere, beste motore bat jarri dute martxan, oraingoan ere zerotik hasita eta probokatu nahian. Anita Parker izen enigmatikoaren atzean Iñaki Bengoa eta Jon Zubiaga Osoron arrasatearrak daude, eta beraiekin batera Skalariak taldeko sortzaile Olatz Andueza lakuntzarra eta Zango taldeko Ane Martinez bilbotarra. Sei kanta batu dituzte estreinako disko honetan eta beste horrenbeste talde berria zuzenekoetara ikusi eta entzutera joaten direnentzat gorde dituzte. Elektronika presente dago, jakina, baina honi bestelako soinuek hartu diote aurrea; bereziki swingak. Hala, Orain eta beti jostaria da, jai girokoa, swingak barra-barra kutsatzen duena, bonbardinoak indartuta eta gogora dakar, halabeharrez, Goseren tankera parrandero eta zirkoeroena. Entzun gabe aldiz, intimoago hasten da, Wicked games -en tenorean, eta elektronikak pisua hartzen duen heinean dantzaleku erdira eramaten zaitu. Michelle hit!a da, elektroswing hutsa, gitarra aberatsak lagundu eta soulerantz ere amiltzen dena. Amaia barnerakoia da, Amaia Apaolaza lagunari eskainitako pop elektroniko pieza sarkorra. Izar gorria -k ere swinga dauka oinarri, oso jostaria da, baina gitarren pisuarekin ukitu amerikarra ere hartzen du nabarmen. Diskoa ixtearen ardura Bitxo mugaldeko piezak dauka, eta pausatua eta beroa, Kubara ere eramaten gaitu. Lana motza egin zait, baina ziur epe laburrerako sorpresaren bat izango dutela besopean!
news
argia-b1ca469f6931
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/martin-abrisketa-idazlea.html
"Aitak zoriontsu bizi izan zuen gerra, jolas moduan"
Jabi Zabala
2017-11-19
"Aitak zoriontsu bizi izan zuen gerra, jolas moduan" 36ko gerraren eta erbestearen zoritxarrak jolas fantastiko moduan bizi izan zituen Martintxo haur irudimentsuaren pasadizoak bildu ditu Martin Abrisketak La lengua de los secretos liburuan. Aita du haur hura Abrisketak, eta harengana hurbiltzeko balio izan dio haren kontakizunak liburuan jasotzeak. Izen berria hartzeko ere profitatu du. Nola bizi izan zuen zure aitak gerra? Galtzaileen aldean, hamar urteko haurra zelako, erdian daudenek ez baitute nola defendatu. Ondo pasatu zuen gerran, gozatu egin zuen. Denak babeslekura eta bera ortura joaten zen, hegazkinak ikustera. Gezurrezkoa zela uste zuen, fantasiak babestuta bizi izan zuen zoriontsu. Jarrera hura agian babes modukoa zen, anker sumatzen zuen errealitatearen aurrean. Bai, berak bazekien zer gertatzen zen, baina oskol modukoa asmatu zuen. Anaia zaharragoa bi aldiz zauritu zuten, gurasoek ez zioten ezer kontatzen, baina gudaria zen auzoko batek gerrako kontuen berri ematen zion. Auzokoa gerran hil zuten, 20 urte zituela, baina handik gutxira haren gutun bat heldu zitzaion nire aitari, hil aurretik bidalia. Orduan auzokoak gutuna ilargitik igorri ziola pentsatu zuen aitak, jendea ez zela benetan hiltzen. La vita è bella filmean bezala egin zuen? Askotan aipatu didate hori, baina niretzat ez dira berdinak. Filmean aitak, egiaren jakitun izanik, gezurra asmatzen du haurrarentzat. Hemen berak asmatu zuen fantasia eta hiru neba-arreba nahastu zituen. Hain inozoa edo akaso jakintsua izan zen, ezen jolas bihurtu zuen hura. Erbestea etorri zen ondoren. Santanderretik Frantziara eta han urte eta erdi, Alpeetako Tenay izeneko herri txiki batera iritsi ziren, bakarrik, gurasoengandik galduta. Han oso libre ibili ziren aita eta hiru neba-arrebak. Urte eta erdira itzuli ziren, beldur handiz…Haien gurasoek lau seme-alaba galduak zituzten gerran, denbora horretan ez baitzuten elkarren berririk izan... Galera handien historia da. Itzuli zirenean noizbait esnatuko zen frankismoaren errealitatera. Gerra osteko isiltasun izugarria aurkitu zuten. Tenayko jendeek beldur handiz utzi zieten itzultzen, Francoren eskuetan zer gertatuko zitzaien beldur ziren. Santiago zubia oinez nola zeharkatu zuen gogoan du aitak. Berak pentsatzen zuen frankistek adarrak eta buztana izango zutela. Beldurrak jota, guardia bati ipurdia ukitu zion buztanik ote zuen ikusteko. Bilbora heldu zirenean oso giro eskasa aurkitu zuten. Imajinatzen dituzu Martintxo batzuk Sirian edo Iraken? Bai, eta nahi gabe bilatzen ditut handik iristen zaizkigun irudietan. Behin errefuxiatu eremu bateko irudietan haur batzuk ikusi nituen erreportariena egiten, garaztailu eta erratz batekin alegiazko kamera eta mikrofonoak asmatuta, elkarrizketak egiten ari ziren. Arriskuak eta onurak ditu fantasiak: umetan gurasoek fantasiatik babesten zaituzte, ez dezazun, hegan egin dezakezula pentsatuta, bosgarren solairutik salto egin; baina aldi berean eragin onuragarria du fantasiak, errealitatetik urruntzen zaitu. La lengua de los secretos . Sekretuen hizkuntza zein da? Euskara. Aitaren familian euskaraz mintzo ziren, baina euren inguruan, Abusu auzoan, erdaraz mintzo ziren beste guztiak. Etxe barneetara mugatzen zen euskara, aspalditik gainbeheran eta gainera debekatuta. Sekretuak hizkuntza horretan kontatzen ziren, besteek ez ulertzeko. Beste esanahi bat ere badu, aita eta bion arteko harremanaren ingurukoa. Liburua bera izan da elkar ezagutzeko erabili dugun bidea. Aitarengana itzultzea izan da zuretzat? Askori gertatu zaigu, hazten ari garen garaian nortasuna hartzeko aitarengandik aldentzea baina, denbora igarota, harengana itzuli beharra sentitzea. Zorionez garaiz itzuli nintzen, bere bizitza kontatzearen bidez, eta oso elkartze polita izan da. Momentu batean zahartzen ari zela ikusi nuen, bihotza makal eta oroimen arazoekin, eta gure arteko harremana osatu gabe joango ote zen beldur nintzen. Berak bazekien historia ederra zuela kontatzeko, baina galduko zuela, ezin genuen denborarik galdu. Hiru urteko bidea izan da, hari bidalitako kartekin osatu nuen nobela, eta berak egunero idazten zituen bere oroitzapenak, badaezpada, biharamunean hiltzearen beldur. Biok elkarrekin aritu gara, liburua atera ondoren ere, aurkezpenetan eta. Orain, hori guztia igarota, bera erlaxatu da eta honezkero oroimena galtzen hasi da. Izena ere aldatu dizu nobelak, lotsa kontu batengatik. Bai, liburuarekin hasi ginela aita eta izeba ez ziren eroso sentitzen beren ahoetan jartzen ari nintzen gauza batzuekin. Izenak aldatzea oso ondo etorri zitzaigun, lasaiago ibili ziren handik aurrera. Abrisketa gure inguruko toki izena eta familiako abizena ere badelako, eta Martintxo, Barojaren Zalakainengatik. Hasieran ez nuen pentsatu liburuak ni ere izenez aldatuko ninduela baina, Martintxoren semea naizenez, izen berria hartu dut. Egia esan, lotsatia naiz eta ezizenak babestu nau. Idazten zenuen lehendik ere. Kazetaritzan aritu nintzen, baita telebista kamera eta gidoilari ere. Asko lagundu didate langintza horiek, idazten eta planoak irudikatzen. Azkenean nire kontaera aurkitu dut nobelarekin. Hazten ere lagundu dit, Peter Pan xamarra izan nintzen urte luzez, eta nobelak familiarekin bat egiten lagundu dit.
news
argia-d059f0cd0c47
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/barne-bidaia-baten-lekukotza.html
Barne-bidaia baten lekukotza
Amaia Serrano Mariezkurrena
2017-11-19
Barne-bidaia baten lekukotza XXI. mendeko Europan ikusi ditugun zenbait gaitzekin lot liteke kalbario hitza, baina lehenago ere izan dira oinazez beteriko gatazkak. Horietako bat 1936ko Gerra izan da gurean. Ez bakarra, noski, ezta azkena ere. Haatik, Xabier Montoiak bere lanetan agertu ohi dituen kezka soziopolitikoak ezagututa, nekez esan liteke obra hau 36ko Gerrari buruzko "beste eleberri bat" denik, narrazioa garai horretako gertakari historiko batek irekitzen badu ere. Nafarroan gaude, 1936ko abuztuaren 15a da, Amabirjinaren eguna. Afalorduan, indarrez sartu da gizonezko talde bat Felisaren familiaren etxean, fusilak eskuetan. Haren aita eraman nahi dute, baina alaba zaharrena jarri zaie bidean. "Gorriaren familia" da, eta aita-alabak egun horretan bertan desagerrarazten dituzte, hala gainerako kideen patua idatzita utzirik. Hasiera indartsua du eleberriak; Kafkak zioen bezala, buruan jotzen zaituen horietakoa da. Tentsio horri bide ematea, ordea, ez da erraza, eta pasarte batzuk astun gertatzen dira. Felisaren barne-munduaren kontaketa da eleberriaren lorpenik handiena, eta, inoiz haren erabakiak guztiz ulertzea zail gertatzen bada ere, Josefina Lambertoren lekukotza du oinarri istorioak, bere horretan sinesgarri gertatzeko zail diren pasarteak barne. Esperanza eta Felisa, itxaropen eraila eta zoriontasun lapurtua. 36ko Gerrako biktimak dira, baina gerra handia gerra txikiagoekin ere nahasten da. Haien ahizpa Margarita bere senarrak jipoitzen du, Felisa moja sartzen denean Elizak kolpatzen du, modurik zitalenean, Esperanza fisikoki bortxatua da, eta haien ama, aldiz, publikoki makurrarazia. Felisaren erbestealdi fisikoek bere nortasunean arakatzera bultzatzen dute. Oroitzapenak iraganean uzteko saiakeran bilakatzen da moja, beharra dutenei laguntzeko asmoz. Hautu horrek, ordea, amaren arbuioa eta bazterketa dakarzkio, etsaiarekin elkartzea egotzita. Torturaz josiriko bidea abiatzen du orduan, tarteka 36ko gertaera hura ametsa izan zitekeela ere pentsatzeraino, aita eta ahizpa ebatsi zizkioten egun hura amesgaizto itxuran agertzen baitzaio gauero. Nolanahi ere den, etengabe gogoratzen dituen irudi horiek errealitatea ulertzeko eta iraganari hitzak jartzeko balio diote. Alabaina, hitz horien tonua aldatu egingo da eleberrian zehar, ahots berri bat sortuko, poetikoagoa, lirikoagoa dena. Azken batean, Golgota, zerbait bada, errealitate gordin baten kontaketa edertua da.
news
argia-3ea9da1464e6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/masifikazio-turistikoak-nazioartean-anti-eredu-bilakatu-du-bartzelona.html
"Masifikazio turistikoak nazioartean anti-eredu bilakatu du Bartzelona"
Axier Lopez
2017-11-19 00:00:00
"Masifikazio turistikoak nazioartean anti-eredu bilakatu du Bartzelona" Andrés Antebi eta Claudio Milano Bartzelonako antropologoak Turismografías proiektuaren sortzaileak dira, Venezia, Lisboa, Costa Brava eta Mallorcako beste lau kiderekin batera. Proiektu horren bitartez, turistifikazioaren inguruan sortutako herri mugimendu eta borrokak datuz eta tresnaz hornitu nahi dituzte, eremu akademikoko mugak gaindituz. Gisa honetako proiektuak giltzarri izan dira Bartzelonan orain dela gutxi arte ukiezina zena ezbaian jartzeko: Denis Itxasoren hitzetan "urrezko arrautzen oiloa", edo turismo eredua. Turismo globalak eragindako ondorioak eta herritarren erantzunak sintetizatzen saiatzen zarete. Andrés Antebi: Ezagunak ez diren eta ikerketa beharrezko duten kontuak argitara eramateko egiten dugu lan. Maila transnazionaleko lanak ere sintetizatzen ditugu; sarri, turismoaren gaia, lokalegiak diren ikuspegietatik bakarrik jorratzeko joera dago. Adibidez, Espainiako Estatuko boom -a, nagusiki azken hiru urtetako neurriz gaineko saturazio turistikoa, estuki lotuta dago beste helmuga turistiko batzuen gainbeherarekin –batik bat Afrika iparraldekoekin–, udaberri arabiarrekin eta zenbait herrialde musulmanekiko zabaldu den segurtasun-ezaren ustearekin. Ezin da aztertu zer gertatzen zaizun egungo turismo globalaren dominoaren argazki osoa kontuan hartu gabe. Hiri eta turismo ereduen inguruko eztabaida erdigunera ekartzea lortu duzue Bartzelonan. A. Antebi: Hori orain dela zenbait urte pentsaezina zen, guztiz. Akademiaren, herri mugimenduen eta zenbait hedabideren artean osatutako idatzi gabeko aliantza oso lagungarria izan da galderak aldatzeko, mintzagai dugun frame -a eraldatzeko. Ez da kasualitatea azken inkestek diotena: bartzelonarren kezken artean turismoa lehen lekuan dago, langabeziaren gainetik. Hori oso esanguratsua da. Eztabaida hori ez da Bartzelonan soilik piztu. Claudio Milano: Amsterdamen edo Berlinen turismo masiboaren aurkako diskurtsoak badaude ere, ez dago Europa hegoaldean (Bartzelona, Lisboa, Venezia…) bezain antolatuta eta egituratuta dagoen politizaziorik. A. Antebi: Lau edo bost urtetan, turismoaren industriaren ondorioei emandako erantzunen mapa sortu dugu, lehen existitzen ez zena. Oso urrun joan gabe, Donostia adibide paregabea da ulertzeko mugimendu hauek zergatik piztu diren hain azkar. Nahikoa izan da zenbait nodo eta ideia elkarlotzea, azalpen argia sortzeko erakargarritasun turistikoa bat-batean lortu duten hirien panoramari buruz; eta ulertzeko nola hori guztia lotuta dagoen espekulazio dinamikekin, gentrifikazioarekin, hiria eskaintzarik onena egiten duenari saltzearekin eta abar. Azken batean, turismo ereduaren bitartez oso erraz azal daiteke kapitalismo globalaren funtzionamendua. Bus turistikoak geldiarazi dituzte hainbatetan Bartzelonako auzokideek protesta gisa. Argazkia: Eldiario.es Bartzelonako eredua esportatzeko modukoa izatetik marra gorria izatera pasa da C. Milano: Ingeles hiztunen munduan asko erabiltzen dute overtourism kontzeptua. Eta hori islatzeko jartzen duten lehen adibidea Bartzelona da. A. Antebi: Morar en Lisboa taldeko jendeak halaxe dio Portugalgo hiriburuko zenbait auzotako gentrifikazioaren aurka egin duten kanpainaren lehen paragrafoetan: "Ez dugu beste Bartzelona bat izan nahi". Hau biziki garrantzitsua da. Lehen Bartzelona imitatu beharreko eredua zen eta egun, masifikazio turistikoak anti-eredu bilakatu du nazioartean. "Bartzelonakoa eredu arrakastatsua da, publikoa eta pribatuaren arteko elkarlana oinarri, munduko hiri asko etorri zaigu bera kopiatzera". Turisme de Barcelona partzuergoko presidente Joan Gaspart-en hitzak dira, munduko 125 hiritan barreiatutako 170 hotel kudeatu zituen pertsonarenak. A. Antebi: Bartzelona, gehienbat, izan da nazioarteko marketing eredu arrakastatsu bat. Kanpaina horiek antolatu dituzten pertsona berberek interes zuzenak izan dituzte negozioan. Eta industria global guztien antzera, askok etekin handiak lortu dituzte. Batez ere turismoaren inguruan sortutako azpiegitura handiak kontrolatzen dituen jendea da: garraioa, ostalaritza, sustapena eta beste gune estrategikoak. Ekonomia kapitalista orotan gailentzen den logikaren arabera eraiki dute: turismoarentzat lan egiten duten langile masa handien prekarizazio eta esplotazio progresiboa eraginez. Izan Bartzelonan ala izan Cancúneko hoteletan, guztietan berdin. Dirutza itzelak biltzen ari dira, baina aberastasunaren banaketa egunetik egunera are desorekatuagoa da. C. Milano: Ez da zalantzarik zein diren hemen aberastu direnak: hoteletako lobbyak. Horregatik hitz egin da hainbestetan "Salto Atlantikoaz". Hotelen enpresa handi horiek, Sol Meliá eta Barceló kasu, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan boom turistikoa baliatzeaz gain, 2000ko hamarkadan "dena barne" (" todo incluido " erabili du gaztelaniaz) eredua esportatzeari ekin zioten. Karibeko eta Brasilgo ipar-ekialdeko hotelen boom handia, Kataluniako eta Balearretako kapitalaren ekinez eragin zen nagusiki. Kasu horietan guztietan ezinbestekoa izan da erakunde publikoen parte-hartze eta lankidetza aktiboa. A. Antebi: Turisme de Barcelona horixe bera da, industrialari, merkatari eta turismoaren sustatzaile nagusiak eta administrazio publikoa batzen dituen partzuergoa. Mahai baten bueltan beraiek nahi dutena egiten dute. C. Milano: Hori oso argi ikusi zen, adibidez, Ryanair Gironara ekarri zutenean. Erabateko aldaketa eragin zuen Kataluniako turismoaren geopolitika eta osaketan. Diru publikoaren laguntzari esker gertatu zen. Berdina gertatu zen Bartzelonako aireportura Vueling lobby handiaren etorreran. Instituzio publikoen bultzadagatik izan zen, eta horrek goitik behera eraldatu zuen Bartzelonako aireko garraioa. Poble Sec auzoa da Bartzelonako turismo masiboaren kalteak sufritu dituen auzoetako bat. Instituzio publikoek parte hartu badute ere, turismoak oso sektore iluna izaten jarraitzen du. A. Antebi: Orain artean elkarlan publiko-pribatu horrek eraiki eta idatzi izan du kontakizuna. Turismoaren inguruan dagoen informazio iturri ia bakarra delako Turisme de Barcelonak berak urtero argitaratzen duena. Opakotasun informatibo hori apurtu beharra dago; hedabideak, akademia eta herri mugimenduen artean presioa egin behar dugu. Bestela oso zaila izango da gertatzen ari denaren inguruko egiazko mapa osatzea. C. Milano: Azken datuen arabera, Bartzelonan lizentzia duten 9.606 pisu turistiko daude. Airbnb-k abuztuan 17.000 etxebizitza turistiko eskaintzen zituen. Ia bikoitza da, eta ez dugu ostatu-gau horien inguruko daturik. Bartzelonara heltzen den jende kopurua Veneziakoaren parekoa da: 30 milioi lagun baino gehiago. Baina gaua hemen pasatzen dutenen datuen arabera, 9-11 milioi baino ez dira. Datu falta handia dago. Europako hiri askotan errepikatzen den arazoa da datuak ezkutatzea. Claudio Milano: "Egungo turismo ereduaren defendatzaileak deszentralizazioaz, deskongestioaz eta desestazionalizazioaz mintzo dira orain. Horiek, argi eta zuzen esanda, gezur hutsak dira. Arazoa hiriko beste zonalde eta urtaro batzuetara hedatzeko baino ez du balio" Eztabaida piztu eta segituan "turismofobia" azaldu zen. A. Antebi: Lobbyek zuhurtziaz erabili duten tresna izan da, turistifikazioaren eta bere eragin negatiboen inguruko diskurtsoa zikintzeko. Oso kezkatuta daude ohiko eztabaida-markoa mugitu delako. Garai batean Espainiako monarkiarekin gertatu zenaren antzekoa da, artean ematen zuen ezin zela erregeaz gaizki hitz egin. Turismofobia izan da uda honetan arrakasta handiena lortu duen saiakera horietako bat. Lortu dute hitz bitxi hori eztabaidaren erdian jartzea eta jendea nahastu dute, turismoaren masifikazioaren ondorio negatiboei egindako kritikak nolabaiteko xenofobia edo turistarekiko erdeinuarekin lotuz. Azken hilabetetan jarrera defentsiboa hartzera behartu gaituzte. Baina arrakastak ez du luze joko, oso erraza baita haien negozioaren arrakalak berriz eztabaidagai jartzea. C. Milano: Gure diskurtsoaren kontrapuntu gisara, egungo turismo ereduaren defendatzaileak deszentralizazioaz, deskongestioaz eta desestazionalizazioaz mintzo dira orain. Horiek, argi eta zuzen esanda, gezur hutsak dira. Arazoa hiriko beste zonalde eta urtaro batzuetara hedatzeko baino ez du balio. Ez du ezer ere aldatzen. Batzuk desazkunde turistikoaz mintzo dira. Posible al da? C. Milano: Bai. Eragile batzuk oso neurri zentzuzkoak plazaratzen ari dira, gauzatzeko batere zailak ez direnak. Adibidez, hiria turistikoki sustatzeko diru publiko gehiago ez xahutzea, hiria bera bakarrik saltzen delako. Turismo lizentziak kudeatzeko udal araudia ere hobetu daiteke. Gaur egun ez dira Ciutat Vella auzoan lizentzia gehiago ematen, baina bai Eixample, Gracia edo Sants-en. Hori metastasia da. Aldatu beharra dago. Metro koadroaren prezioak berriz ere 4.000 euroko langa gainditu du, 2008tik ez zen horrelakorik gertatzen. Hau da, berriro burbuila batean sartuta gaude.  Eta zer gertatzen da Bartzelonako portuarekin? Gurutzaontzi bat heltzen den aldiro, hirira 20.000 auto gehiago sartzen dira. Eta portuaren kontseiluetan ez dago herritarren inolako partaidetzarik. "Bartzelona ez dago salgai" auzokideek erabili duten leloetako bat izan da. Hau da, negozioa jarri behar da jo puntuan? A. Antebi: Bai. Etekinak birbanatzeko eta turismotik aberastu diren enpresa handiek orain arte gozatu duten barra libreari mugak jartzeko neurriak behar ditugu. Bide horretan egindako ekarpenak irrigarri uzten saiatzen dira, esanez: "Zer egingo duzue, autobusei ordain-sariak jarri, aireportuko etorrerak mugatu, Ciutat Bella hesitu?". Bada, ez. Jendea helburu duten neurri hertsatzaileez ez gara ari. "Desazkundearen bidetik" –komatxo askorekin–  hemen onartutako lehen neurria turismo-tasa izan zen: hotelean pasatutako gau bakoitzeko euro bat ordaintzea. Turisme de Barcelona partzuergoa haserre bizian jarri zen, eta lortu zuten tasarekin irabazitako diru guztia Bartzelonako sustapen turistikoan inbertitzea. Hau da, haientzat dirua biltzeko beste bide bat irekitzea lortu zuten eta, aldi berean, jasangarritasunaren alde zerbait egiten ari zirela irudikatzea. Estrategia horiek dira borrokatu beharrekoak. Datozen urteetan lobby horiek aho betean arituko dira turismo jasangarriaz berbetan, enpresa handiek ekonomia berdearekin egin duten bezalaxe. C. Milano: Airbnb, Uber eta antzekoak, hastapenetan, turismoaren etekinak birbanatzeko aukeratzat hartu ziren, eta azkenerako, ezkutuko ekonomia direla agerian utzi dute. Beste zerbait bilakatu dira, "plataformaren kapitalismoa" deitu genezake. Nola ikusi duzue Ada Colauren Udal Gobernuaren zeregina gai honetan? A. Antebi: Garaipenen bat lortu dute eta hori aitortu behar zaie. Jarrera irmoa erakutsi dute Airbnb-ren gehiegikerien aurka. Baina beren politikaren beste arlo askotan gertatu bezala, keinuetan oinarritutako politikatik harago ez dira joan. Oso nekeza zaie egiatan lotesleak diren erabakiak hartzea. Eredu oso bat eraldatzeak denbora behar du eta Udal Gobernuari presio sozial handiagoa egitea, eta, paradoxikoki, agintean daudenak presio sozialaren lubakitik datoz. Kataluniako prozesu independentistak ekarpen positiborik eragin al diezaioke turismo ereduaren inguruko eztabaidari? A. Antebi: Nik, printzipioz, ez dut uste erraz elkarlotzeko moduko kontuak direnik. Baina fokua zabaltzen badugu eta Katalunian bizitzen ari garena 78ko erregimena inpugnatzeko saiakera gisa hartuz gero, eta "tardofrankismoa" turismoaren ideologiaren bueltan eraiki zenez, orduan bai, kontakizunaren barrunbetan zenbait aldaketa gerta liteke. Halere, horrelakorik ikusteke dago. Oraindik partida jokatzeko dago. Prozesu honen gidaritzan Kataluniako eskuin "convergentea" dago. Eta, hain zuzen, haiek izan dira egun ezbaian jartzen ari garen turismo ereduaren sustatzaile eta babesle nagusiak.
news
argia-18c0d4c0695a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/abenduaren-21ean-izango-al-da-kataluniako-erreferendum-legala.html
Abenduaren 21ean izango al da Kataluniako erreferendum legala?
Lander Arbelaitz Mitxelena
2017-11-19 00:00:00
Abenduaren 21ean izango al da Kataluniako erreferendum legala? Kataluniako Gobernu legitimoaren erdia kartzelan daukate; beste lau kontseilari eta presidentea atzerrian. Tentsio izugarriko asteen ostean, badirudi indarrak abenduaren 21eko hauteskundeetara bideratuko dituztela denek. Asko dago jokoan. Espainiako Estatuak kolpe bat ematen duen bakoitzean "oraingoan bai, kontu hau amaitu da" pentsaera zabaltzen badu ere, gatazka bizi-bizi dago. Luze joko duen gatazka gordinean dago murgilduta Katalunia. Euskal Herrian ongi dakigu zer esan nahi duen horrek: orain arteko 'Irribarren iraultza' hortzak estutzearekin uztartzeko ordua iritsi dela. Mundu osoko kameren aurrean zela, Puigdemontek Bruselan emandako lehen prentsaurrekoan, nahiko oharkabean pasa den zerbait esan zuen: Estatuaren errepresioaz Gobernu kataluniarrak zituen datuen arabera hobetsi zuten atzerrira joatea. Zer datu zituen bada presidenteak esku artean? "Puigdemont Bruselan errefuxiatu ostean, hainbat kazetari barrez erantzuten eta Estatuaren biolentzia erlatibizatzen ari dira. Zergatik ez duzue egia azaltzen? Zergatik ez diezue zuen irakurleei azaltzen Mariano Rajoyk asmoa zuela 116. artikulua dekretatu, armada atera eta herritarrei eraso egiteko?". La Directa ko Jesús Rodriguez kazetari zailduak jakinarazi zuen Espainiako medioentzat lan egiten duen dozena bat berriemailek "xehetasun askorekin" kontatzen zuela salbuespen legeria aplikatzeko asmoa. Norabide berean doa Jordi Graupera idazle eta analista politikoa El Nacional en: "Hildakoak egotea ea jasan zezaketen aztertu zuten presidenteak eta Gobernuak. Generalitateak trantsiziorako legea aplikatu eta errepublika efektibo eginez gero, orden publikoko indarren aginte erreala izan bitartean, berehalako bide bakarra, Lituanian bezala, jendeak erakundeak defendatzea zen. Zalantza bakarra zuten: ea Estatuak nola egingo zuen tiro, metalezko ala gomazko balekin, edota neonaziei modu askean ibiltzen utziko zieten". Horren aurrean, Belgikako jokaldia hautatu zuten: errepresio hori ekidin, Lamelaren jokaldia zaildu eta gatazka naziaortera eramatea. Alde ahula, herritarrek emandako agindua aurrera eramateko hautatutako ordezkari publikoen espetxeratzea eta Kataluniako erakundeen kontrola pixkana galtzen hastea. Egunotan, Madrildik Generalitatea "kudeatzera" heldutako lehen teknokratek demostratu dute gaztelania ez dela inoiz inon inposatu, bere garaian Espainiako Erregeak Gernikan esan bezala. Hartu duten lehen neurria, Generalitateko barne dokumentuak Cervantesen hizkuntzan idatziko direla izan da. Askok errepikatzen dute ez zutela sekula pentsatuko klase politiko kataluniarra egoera honetara heltzeko prest egongo zenik –horren erakusgarri Urkulluren negoziaziorako borondatea?–, baina hala ere, azken asteetako bulegoko politikek kritikak jaso dituzte kalean mobilizatzen aritu den independentismoaren aldetik. Sektore ugarik aldarrikapenaren ostean, pauso erreal batzuk eskatzen zituzten errepublika eraikitzen hasteko: sinbolikoak (izan Espainiako banderak kentzea), legegileak (Parlamentua deitu eta aurrez prest zeuzkaten dekretuak onartzea Espainiako 155. artikulua legez kanpoko izendatuz, edo Independentzia Aldarrikapena buletin ofizialean argitaratzea) eta exekutiboak (denak beren bulegoetara itzultzea). Orain, ordea, Mossoen kontrola pixkana galduz, geroz eta zailagoa dute halako pausorik ematea, datozen hauteskundeak arte, behintzat. Hauteskundeak bai, baina zertarako? Rajoyk Katalunian 155. artikuluarekin emandako estatu kolpearen ostean hautekundeak hain azkar deitzea mugimendu zorrotza izan da. Zorrotza, baina arriskuz betea. Errepublika bat eraiki nahi duen independentismoak hauteskunde hauei boikota egin eta lau urtetarako Generalitatea kontrolatu eta desmuntatzea aukera bat zen. Ez da halakorik gertatuko ordea, alderdi independentistek, bihotzeko minez gehienek, botoen erronkari eustea erabaki baitute. Helburua: boomerangak Estatua aurpegian kolpatzea, hautetsontzietatik independentismoa indartuta ateratzea bilatuz. Hainbeste entzun behar izan duten "erreferenduma legez kanpokoa da" argudioa gainditu eta hirugarren –eta azken?– erreferenduma egiteko aukera jarri die mahai gainean estatuak. "Hauteskunde autonomiko" hauek Katalunian plebiszitario gisa planteatzen dituztenean, zer egingo du Estatuak irabazteko? Egoera zaila izanik ere, lorgarria da independentismoak oinarria zabaltzen jarraitzea. David eta Goliathen arteko borrokaren aurrean herritarrek egingo duten hautuak batetik, Podem-en inguruko zatiketak bestetik, eta salbuespen egoerak bultzako duen parte hartzearen igoerak azkenik, emaitzetan zein eragin duen ikusteko dago. Egia esan, independentismoari ongi etorriko litzaioke urriaren 1eko erreferendumean baiezkoa bozkatu zutenak baino gehiago zenbatu ahal izatea. Baita ezezkoak zenbat diren kontatzea ere. "Legez kanpoko erreferendum batek legal izaten amai dezake", dio kezkati PPko Mayor Orejak. Puigdemontek Espainiako Estatuari eta Europar Batasunari behin eta berriro botatzen dien galderak ulertzera ematen du zein aurreikuspen egiten ari diren alderdi errepublikarrak: "Guk errespetatuko ditugu emaitzak, eta zuek?". "Hauteskundeen ostean gobernu independentista bat aterako balitz, berriz ere 155. artikulua aplikatuko genuke", bota zuen Senatuko presidenteordeak. Mehatxuka bada ere, zazpi urteko utzikeriaren ostean, edozeri "ezin da" erantzunez ibili eta gero, Espainiako Estatua azkenean sartu da bataila politikora. Beldurraren karta indartsua da eta PPk ongi daki hori erabiltzen. Estatuan bere hauteslego eskuindarra pozik edukitzeaz gain, aurkaria kolpatuz oinarriak desanimatu eta desmobilizatzea bilatzen ari da. Estrategia mingarria, edozein mugimendu politikotan aritu denak ongi dakienez. Horrez gain, opari gisa, beren ildo politikotik ateratzen den edonor mehatxatzeko tresna bilakatu dute PPko kideek Konstituzioaren ditxosozko artikulua. Izan Kataluniako, EAEko, Nafarroako edo Gaztela Mantxako gobernua. 155a izango al da 78ko Erregimenaren jostailu berria? Biolentziaren karta edukiko du Espainiak eskuetan eta atxiloketak egiten jarraituko duela susma daiteke. Estatu honek ez du konplexurik interes politikoengatik komeni zaion edonor barrura sartzeko, galdetu bestela "dena da ETA" teoriaren biktimei. Horrenbestez, erronka galanta eta galdera ugariren aurrean dago independentismoa: hauteskundeak bai, ados, baina zertarako? Hauteskundeak bide bat izan daitezke indartzeko, baina hauteskundeak al dira orain arte egin ezin izan den zerbait egiteko tresna? Nola hasi Kataluniako Errepublika eraikitzen? Lurraldearen kontrola eta beste hainbat gauza negoziatzea bilatzeko, nola bilakatu egoera jasanezin Espainiako Estatuarentzat? Kaleak izango du zeresanik.
news
argia-757966d23b03
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/uxue-alberdi.html
"Gatazkaren alde batera edo bestera lerratu ginen, eta gure kontraesanak eta ahultasunak irentsi genituen"
Mikel Asurmendi
2017-11-19 00:00:00
"Gatazkaren alde batera edo bestera lerratu ginen, eta gure kontraesanak eta ahultasunak irentsi genituen" Jenisjoplin nobela plazaratu berri du Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984). Iragan hiru hamarkadetan garatuta dago, gatazka politikoaren zurrunbiloan. 30 urteko aldea duten bi belaunaldiren bizipenak eta talkak jasotzen ditu, besteak beste. Idazleak trebeki uztartu ditu bi garaiko gorabeherak eta pertsonen jiteak; taberna zuloko giro hitsa hala nola gaztetxeetako giro lehergarria. Idazlea eta bertsolaria da Alberdi. 2013ko Txapelketa Nagusiaren finalaren pasarte batek badu munta istorioan, doi-doi aipatua bada ere. Nobelak ertz anitz eta zorrotzak ditu. Elkarrizketatzaile honek ertz ziztagarri horietako bati heldu dio solasaldia abiatzeko, irristatzeko aukeraz kontziente. Uxue Alberdi bertsolaria eta Nagore Vargas (Jenisjoplin) protagonista ausarten antzo. "Ez nintzen bertsozale porrokatua, horretan ere ez nintzen sartzen abertzale inbentariatuaren soslaian..." dio Nagore Vargasek nobelaren amaiera aldean. Ni "abertzale inbentariatuaren" soslaia duen familiakoa naiz: euskalduna, bertsozalea, mendizalea… Hala ere, Jenisjoplin protagonistaren jatorri antzekoko lagunak izan nituen nerabezaroan. Institutu garaian –ni ikastolatik nentorren–, espainiar jatorrikoen seme-alabak lagun egin nituen. Bitxia da, kasualitatez, ez nintzen lagun egin a priori tokatzen zitzaizkidanekin, zortzi abizen euskaldun zeuzkatenekin, espainiar jatorrikoekin baizik. Beste errealitate batzuk ezagutzeko parada izan nuen. Haietako batzuk euskaldunak ziren, Nagoreren moduko erreboltariak [ Jenisjoplin ek Arantzazu Alkorta amarengandik jaso zuen euskara], beste batzuek euskara bazekiten, baina gaztelaniaz aritzen ziren normalean, batzuek familiako ezkertiarren ideologia sendo erakusten zuten, baina "maketoak" epiteto pean, Euskal Herriaren askapenarekiko errezeloak zituzten. Lagun horien lokalera joaten nintzen eta paretan espainiar bandera zegoen ikurrinaren ondoan. Espainiako bandera niretzat aberrazioa zen. Hamabi urte inguruan gure herrian zegoen identitate nahasketaz jabetzen hasi nintzen. Nobelan hori islatu nahi izan dut. Gatazka politikoak nolako eragina izan du zure belaunaldiko bertsolariarengan? Garaiaren arabera, gatazkarekiko harremana adinaren araberakoa izan delako, oso ezberdina. Ez da berdin 74an, 84an edo 94an jaio izana. Gatazkaren inguruko gertakariak modu ezberdinez iltzatu zaizkigu buruan, eta horien arabera ari gara bertsotan egun ere. Gure belaunaldikoek gatazkaren unerik gordinenak ume eta nerabe ginela bizi izan ditugu, artean pentsamendua antolatu gabe geneukala, gaztetxoak gineneko esperientziak gure baitan ditugu oraindik ere. Inguruan ez zitzaigun gatazkaz "ganoraz" hitz egiten, eta nerabe batek pentsamendua modu bikoan antolatzen du: ona eta txarra, polita eta itsusia. Tamainako gatazka batek erdian harrapatzen zaituenean jasotzen dituzun mezuak oso kontraesankorrak iruditzen zaizkizu. "Hiltzea txarra da" esaten dizute, baina gero gatazkaren erdian zaude, eta ohartzen zara faktore asko daudela jokoan, ez dakizu horren aurrean nola jokatu. Jenisjoplin euskal gizarteak bizi izan duen gatazkaren erretratu bat da. Zure esperientziaren harian ehundua, gizarte honen konplexutasunaren isla.      Nobelan identitateak nahastuta ageri dira, eta horiek talka egiten dute batzuetan. 1990eko hamarkadan Elgoibarren ezagutu izan nuen marjinalitatearen lekukotasuna da nolabait. Hori nire baitan egon da orain arte. Une batez, Nagore Vargas pertsonaia osatzea erabaki nuen, baita bere ingurua eraiki ere. Gatazkak hainbat hamarkada iraun du, eta garaiz garai, ñabardurak ñabardura, gehienok alde batera edo bestera lerratu ginen, gure kontraesanak eta ahultasunak irentsi genituen, eta bakoitzak gure taldearekin batera egin genuen aurrera. Zure belaunaldiko bertsolariek nola bizi izan duzue gatazka, bertsotan jardutean? Bada, non eta nola ginen arabera. Ni ez nintzen atrebitzen arrakaletatik kantatzen, kantatzen nuen nire ideiak traizionatu gabe, gutxi-asko, parean nituenak ados egon zitezkeenarekin bat eginez.  22 urterekin hasi nintzen, 2006an. Hasteko, nahiko lan neukan bertsoa muntatzen. Plazara salto egiten duzunean lehenbizi ulertu behar duzu bertsoak nola funtzionatzen duen saio bakoitzean, generoak ikasten zoaz: bertso-afaria, jaialdia, ekitaldia, bertso-poteoa, txapelketa.... Aldi berean, zurekin ari diren bertsolariak ezagutu behar dituzu.      "Idazle bezala oraindik deskubritzen ari naiz zertan moldatzen naizen ongi samar eta zertan ez dudan asmatzen" Gero, heltzen zoaz eta kritikoagoa  bihurtzen zara zure emanarekin. "Ni zertara nator hona?", galdetzen diozu zure buruari. Zure ahuluneak indartu ahala zure kontraesanetatik kantatzen duzu. Garaiak eta gaiak aldatuz doaz, eta ikusten dituzu zure aurreko belaunaldikoek ere gauza batzuk zalantzan jartzen dituztela, eta zuri ere irekitzen zaizula bide hori. Gure belaunaldiko bertsolariok (Julio Soto, Miren Amuriza, Beñat Gaztelumendi...) oso potente den belaunaldi baten ondoren gatoz [Lujanbio, Iturriaga, Elortza, Maia, Irazu…]. Haiek erabat eraldatu zuten aurrekoen bertsolaritza, politikoki nahiz estetikoki. Gu horien anaia-arreba gaztetxoak izan gara, haien babesean aritu gara. Orain gure ingurua guk marrazteko garaia iritsi da, baita gatazka bera marrazteko ere, hori da nahi duguna, baina ez zaigu erraz egiten ari, ezta gu baino gazteagoak direnei ere. Bertsotatik harago, orain dela hamar bat urtera arte, egon da hizkuntza-modu bat politikaz mintzatzeko, baina nola jarri ahotsa eta estetika gure marko soziopolitikoari? Nola jarri gaur egun 20 eta 50 urte dituztenak elkarrekin politikaz hizketan? Nola egin elkarrizketa hori? Zer kodetan? Oraindik ere zubiak falta ditugu horretarako. Mereziko luke gatazkaren memoria egingo lukeen nobela idaztea, bertsolariak protagonistak izaki. Bai. Nik ere pentsatu izan dut hori inoiz, baina oso zaila da. Oso herri txikia garelako, pertsonak eta pertsonaiak oso identifikagarriak izango zirelako, kasuon, bertsolariak. Ondo egitea zaila da, baina oso mundu interesgarria da, fikziora apenas eraman dena. Egia da, norbaitek asmatuko balu bertsolarien ingurua nobelara eramaten, testuinguru izugarri aberatsa islatuko lukeela. 2013ko Txapelketa Nagusiko finalaren une bat ageri da nobelaren amaieran; BECen. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusen arteko buruz burukoa hizpide, Amets txapeldun jalgi da. Nagorek "Itzel. Erromak heroiak maite ditin" diotso Irantzu lagunari. Gai horren harian, "gure belaunaldiko bertsolari batzuk ahultasunaren kultura defendatzen hasi dira" esan duzu zuk, "heroien kulturatik zaurgarritasunaren kulturara bidean gaude" esan ere. Sakondu ideia horretan, arren. Gatazkaz edo beste hainbat gaiez kantatzea eta horiei zentzu politikoa ematea ez da samurra, ahultasunetik kantatzea ez da erraza, zaurgarritasuna ez dela arrazionala ematen du. Oraingo erronka hori da hain justu, zalantzak eta sentimendu kontrajarriak marko politiko batean sartzen asmatzea. Baina, nola eraiki testuingurua? Hau da, zaurgarritasuna, mina, amorrua eta oinazea ez izatea kontu pertsonalak eta pribatuak. Gatazka politikoak utzitako zauriak, bakoitzak bereak ditu, eta horiei bide eman behar zaie. Liburuko pasarte hori, pertsonaiek bertsolari txapelketako buruz-burukoa komentatzen dutenekoa, garaian bat egin zuelako sartu dut nobelan, hau da, Nagoreren ospitalizatzeak eta Txapelketak bat egin zutelako denboran. Eta baita Ametsek eta Maialenek egin zituzten aukerek edo hartu zituzten rolek jorratu nahi nuen gaian sakontzeko aukera ematen zidatelako ere. Zer adierazi zuten rol haiek? Bertsotan epika asko egin izan dugu, eta finaletan asko egon da epikatik. Entzuleok ere, nahi gabe, bertsolariei epika eskatzen diegu. Ametsek final hartan guardia zibil baten roletik eta Sarri- renetik kantatu zuen, besteak beste, eta altzoa hitza emanda, ama totalari kantatu zion; figura handiei, oso gauza normala dena, seguru asko, gehienok egingo genukeena eta ez berak bezain ondo. BECen zaude, 14.000 pertsona dituzu aurrean, eta inertziak epikara eramaten zaitu. Maialenek, berriz, pultsu horiei ihes egin zien, antiheroiak marraztu zituen. Itzultzeko garaiaz jardun zuen, baina ez zen Euskal Herrira itzultzeaz aritu, Hego Amerikara baizik. Zaharrak zaintzen aritu den emakume etorkinaren azalean jarri zen. Antiheroi bat. Eta altzoa aditzean kontzienteki ihes egin zion ama totalaren magalari. Gure heroiei eta mitoei iheska etengabe. Gure garaien isla izan ziren bertsoak, niri askorako balio zidaten, Maialen irudi handietatik urrun ikusi nuen. Batzuei Maialenen jarduna lausoa egin zitzaien, bertsoak ez zitzaizkien iritsi. Nagore eta Irantzuk nobelan diotenez "hiltzeko denok nahi dinagu epika". Epikaren kontrako pultsuari eusten dioenak irabaz lezake txapela? Jakina. Baina ertzeko bidea, ahularena, zaurgarritasunarena, antiheroiena... zailagoa da, ez baititu emozio primarioak galdatzen. Halako bideek barruragoko geruzetatik tiratzen dute eta pentsamenduaren sakontasuna exijitzen. Ertzak ukitzen direnean, ibili gabeko bideetatik ari denean bertsolaria, ez da ziurra Erromak segiko ote dion. Nobelara itzuliz, "Nire izeba Karmen Vargas hiesak jota hil zen 1987ko maiatzean. Hogei urte zituen. Zazpi urte lehenago, 1980ko goiz batean, Rosa Morenok, nire amamak xiringa bat aurkitu zuen etxeko aterki-ontzian" dio Nagorek. Nobela, baina, 2010ean hasten da. Hainbat garai eta espaziotan garatua eta girotuta dago nobela, horiek ondo uztartzea izan da gehien kostatu zaidana. Hainbat inflexio puntu daude, esaterako, Nagoreri hiesa duela diagnostikatzen diotenekoa. Hori ezin nuen hasieran jarri, baina ezin nuen asko atzeratu ere, beraz, bi kronologia paralelo aurrera eramatea erabaki nuen, bata 82tik 2003 ingurura arte, eta 2010etatik 2014ra doana bestea. Bietan erritmo diferenteak erabiltzea erabaki nuen. Bigarrenetik hasten naiz, garai horietan ekintza asko dago eta protagonisten dialogoak biziagoak dira, iraganeko pasarteak narratiboagoak eta deskriptiboagoak dira. Bi garaien txandakatzeak elkarri lagundu ziezaioketela konturatu nintzen, iraganean gertatua ulertzeak lagundu ziezaiokeela irakurleari oraina ulertzen, egungo Nagore ulertzen, bere erabakiak nondik zetozen, bere esanei beste sakontasun bat ematen.   "Identitateaz hitz egiten dugunean, gurea bezalako herri txiki batean, esentziara jotzen dugu, nondik gatozen eta zergatik galdetzen dugu" Nagoreren bikotekidea Luka Moretti da. Istorioari ukitu egokia ematen dio, bere izaera aproposa da gatazka adierazteko. Batez ere, oso lasaia delako. Idazten ari nintzela, La sociabilidad del sur izeneko artikulua irakurri nuen. Hegoaldeko gizartearen soziabilitatearen gaineko bost ezaugarri azpimarratzen zituen testuak. Lukak bazeuzkan horiek, baina horiek irakurtzean areago osatu nuen bere izaera: jendetasuna, lasaitasuna, jolasa, dramarik eza, denbora bizitzeko beste modu bat. Nagore iparraldekoagoa da, emaitzak behar ditu segituan, gauzak ulertu eta arrazionalizatu… Lukak arazoei malgutasunez begiratzen die, badaki gauzak esaten zeharka, geroko uzten… Nagorek ulertu behar du Luka zergatik dagoen berarekin, Lukak ordea, ez du horretaz hausnartu beharrik. Luka, Euskal Herrikoa eta mundukoa da, ez dauka hemen sustrairik, bere identitatea ez da esentziala, eraikia baizik. Identitateaz hitz egiten dugunean, gurea bezalako herri txiki batean, esentziara jotzen dugu, nondik gatozen eta zergatik gadetzen dugu. Lukarentzat zergatiak baino zertarakoak balio du, maitasuna ez da zergatik baizik eta zertarako. Borroken dileman ere berdin. Zertarako? Ez zergatik? Nagore ospitaleetan ikusi dugu. Ospitaletako giroa ongi hausnartu duzu, baita hiesari buruz ongi ikasi ere. Bai. Eskerrak eman behar dizkiot Felix Zubiari [Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitatean egiten du lan. Bertsolaria da], nobelako alderdi medikuetan lagundu didalako. Horrelako gai batean sartuz gero, ezin nuen pintzel lodia pasa eta kito. Zehatz idatzi nahi izanez gero, ikasi behar nuen. Felixek Donostiako Infekzioaren Unitatea erakutsi zidan. 80ko hamarkadan egin zuten, eta oraindik ere geletako barroteak mantentzen dira, suizidio saiakera asko omen ziren. Gaur egun ere, unitate horretara doazen erabiltzaileen %90 hies diagnostikodunak dira. Bi egunean behin hies kasu bat diagnostikatzen da. 90eko hamarkadan atera ziren liburu asko irakurri dut. Desintoxikatzen ari ziren gaixoen senitartekoen gutunak eta medikuek eta hildakoen gurasoek emandako hitzaldiak, bestalde. Liburu horietako bat da Justo Arriolaren A los pies del caballo . Arriola elgoibartarra da, Karmen Vargasen belaunaldikoa. Tentuz irakurri dut, nire belaunaldikoen ikuspegitik idatzi nahi nuen, aurrekoen eragina gehiegi jaso gabe, bestela nobela ez litzateke Nagore Vargas protagonistaren begiradatik kontatua izango.   Liburua bizia da, neurri handi batean elkarrizketaren bidez eraikia. Bai, idazleok gure ahaletatik egiten dugu. Nik istorioa buruan neukan, banekien zer kontatu nahi nuen, eta proba asko egin dut aurretik. Horietako batzuk baliagarri izan zaizkit eta bestetzuk ez. Editoreari behin esan nion, "hasi naiz pasarte hau luze deskribatzen, eta ohartu naiz ez naizela Saizarbitoria". Hau da, ez dakit hondartzan bainatzera doan emakume bati buruzko sei orrialdeko testua eraikitzen, funtzionatzen duen testua, noski. Oraindik ez behintzat. [ Lili eta biok nobelaz ari da]. Niretzat eszena horiek balio literario izugarria dute. Saizarbitoriak badaki egiten, bakoitzak daki zeintzuk diren bere ahalak eta mugak... Ni oraindik deskubritzen ari naiz zertan moldatzen naizen ongi samar eta zertan ez dudan asmatzen. Bertsolaria eta idazlea zara. Nola sentitzen zara tratatua idazle bezala? Bertsolariak idazleak baino hobe "tratatuak" direla esaten baita. Edo ez? Ni bi jardunetan ari naiz, biak gustatzen zaizkidalako. Zorionez, sentitzen dut irakurle multzo baten arreta badaukadala. Jenisjoplin hiru urteko lana izan da, niretik ahal izan dudan guztia eman dut, prozesua oso intentsua eta neketsua izan da, baina oso polita. Urte batez lo gutxi egin dut, gerora faktura pasako didala kezkatuta ibili naiz, aldi berean plazan bertsotan aritzeari utzi gabe idatzi baitut, eta bi umeren zaintza ere tartean. Nahiko estutu dut nire burua zentzu horretan. Zuk diozun idazleekiko trataeraz, pentsatzen dut oso kasu diferenteak daudela. Idazle bakoitzak jasotzen duen arreta diferentea da, eta idazle bakoitzaren sentsazioak ere –arreta horrekiko– diferenteak izango dira. Eta, egia da, ziur aski, idazleak egiten duen lanaren eta jasotzen duen arretaren arteko proportzioa ez dela beti justua. Baina ezta bertsolarien kasuan ere. Ulertzen dut hainbat idazlek behar bezalako arreta bereganatzen ez dutela esatea, baina aldi eta era berean ezagutzen ditut beste hainbeste bertsolari berdin sentitzen direnak. Gaur egun, plazaz plaza sarritan gabiltzan bertsolariak ez gara hainbeste ere. Adibidez, badaude txapelketetan oso maila ona ematen dutenak eta plazan horren araberako tokirik ez dutenak. "Bizitza ez da logikoa ez justua ez koherentea: ikasi horrekin bizitzen", bota zidan behin erronka psikologoak. Saiatzen naiz.
news
argia-877ca7921e02
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/odol-bildua-eta-garraiatua.html
Odol bildua eta garraiatua
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-11-19 00:00:00
Odol bildua eta garraiatua Bartzelona, 1936ko uztaila. Espainiako Gerra Zibila piztu zenean, Frederic Duran i Jordà medikua (1905-1957) Montjuïceko 18 ospitalean hasi zen hirira iristen ziren gerrako zaurituez arduratzeko. Erietxean, orduan, odol transfusio zuzenak egiten ziren, hau da, emailearen besotik hartzailearen besora, eta mediku katalana berehala konturatu zen maiz zaurituek emaile bakarrak eman zezakeena baino odol gehiago behar zutela. Gainera, Aragoiko frontetik Wenceslao Dutrem eta Serafina Palma lankideen gutuna jaso zuen, esanez zaurituak artatzeko odolik ez zutela. Ospitalea uztea erabaki zuen orduan, eta, Errepublikako Armadaren Osasun Zerbitzuaren babesaz, zauritu militar nahiz zibilei behar zuten odola helarazteko zerbitzua abiarazi zuen abuztu hasieran. Irailaren erdialdean lehen zazpi litroak iritsi ziren Aragoiko frontera. Munduko lehen odol transfusio zerbitzu modernoa  izan zen. Ordurako nolabaiteko transfusio zentroak baziren. Esaterako, Moskuko Sklifosovsky Institutuan transfusioak egiten ziren gorpuen odola erabiliz. Baina Duranen taldeak bazekien hori kaltegarria zela hartzaileentzat. Londresko Gurutze Gorriak ere bazuen zerbitzu bat, baina transfusio zuzen mugatuak egiten zituzten soilik. Eta emaileak frontera eramatea ez zen bideragarria. Frederic Duran i Jordà odol transfusioak egiten Bartzelonako 18 ospitalean. Eskura zeuzkaten bitarteko urriekin, dagoeneko asmatuta zeuden antikoagulatzaileak hobetzen ahalegindu ziren, baita odola esteril mantentzeko metodoak eta gordetzeko ontziak ere. Gainera, lehenengoz, herritarren artean odola emateko kanpainak egin zituzten. Eta garraioaren arazoari ere konponbidea aurkitu zioten: arraina garraiatzen zuen lau tonako Diamond kamioia egokitu zuten. Bidalketak astero egiten ziren frontera eta bertako ospitale guztietan gutxienez 35 litroko bankua izaten ahalegindu ziren. 30 hilabetean Bartzelonako transfusio zerbitzuak 28.900 emaile izan zituen eta 9.000 litro odol prozesatu eta prestatu zituen. Bigarren Mundu Gerran erabat zabaldu zen Duranen metodoa. Haiek erabili zuten teknologia zaharkituta dago egun, baina mediku katalanak ezarritako oinarriak indarrean daude oraindik. 1939ko otsailean Frederic Duran i Jordàk Kataluniatik alde egin eta Ingalaterrara emigratu zuen, Britainiar Gurutze Gorriak gonbidatuta. Hemoterapiaren aitzindaria Manchesterren hil zen 51 urte zituela, leuzemiak, odoleko minbiziak, jota.
news
argia-e7d88a5f54d0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/bortizkeria-matriuskak.html
Bortizkeria matriuskak
Miren Artetxe Sarasola
2017-11-19 00:00:00
Bortizkeria matriuskak Zabaldu matriuska. EFE agentziaren berria. Lerro-burua: " Cantabria espainiar ontziak itsasoan aurkitutako 26 gorpu lehorreratu ditu". Testua: "Ontziak Italiako Salerno hirian porturatu ditu 26 emakumeren gorpuak, itsasoan erreskatatutako beste 400 immigrante eta errefuxiaturekin batera". Emakumeak izateak ez du, antza, lerro-bururik merezi (eta kurioski, testuan immigrante eta errefuxiatuak bereizteak bai). Salernoko prefetaren azalpenak jasotzen ditu berriak: hildako emakumeak, ziur aski nigeriarrak, zodiak batean zihoazen gizonekin batera, eta ontzia hondoratzean, emakumeek, zoritxarrez, ahulenak izaki, ondoriorik latzenak jasan behar izan dituzte. Biolentzia biolentziaren baitan. Haien jatorrizko herrietan gure eraginez sorturiko gatazketatik ihesi doaz. Mugak itxi dizkiegulako doaz ihesi baldintzarik ziurgabeenetan. Eta ziurgabetasun horrek lasta bilakatzen dituen lehenak dira emakumeak. Esan dutenez, gorpuak aztertuak izango dira, eta biolentzia zantzurik aurkitzen badute, autopsia egingo omen zaie. Autopsiak nekez esango du, ordea, ahulak zirelako hil ziren, ala uretan besteek baino denbora gehiago zeramaten hil zirenean . Dena den, ez dugu autopsien berri izango. Itxi matriuska.
news
argia-d619db1ac210
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/erregistratutako-lehen-eklipsea.html
Erregistratutako lehen eklipsea
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-11-19 00:00:00
Erregistratutako lehen eklipsea Cambridgeko Unibertsitateko ikerlari talde batek ondorioztatu du erregistratutako lehen eklipsea K.a. 1207ko urriaren 30ean gertatu zela, Astronomy & Geophysics aldizkarian argitaratu dutenez. Bi iturri erabili dituzte ondorio horretara iristeko: batetik, Bibliako Itun Zaharrak, zehazki Josueren liburuak, aipatzen du Eguzkia eta Ilargia "geratu" egin zirela; bestetik, Ramses II.aren seme Merneptah faraoiaren erregealdiko grabatu batek Kanaango kanpainan fenomeno astronomiko bitxia gertatu zela jasotzen du. Ikerlarien ustez, ez zen erabateko eguzki eklipsea izan, eraztun eklipsea baizik, eta emandako data da ezaugarri horiekin bat datorren bakarra.
news
argia-0dc48980ef4d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/mateo-efektua-eta-adina-pentsioen-paradoxa.html
Mateo efektua eta adina: pentsioen paradoxa
Gorka Moreno M�rquez
2017-11-19 00:00:00
Mateo efektua eta adina: pentsioen paradoxa Bismarck izan zen XIX. mendean gaurko pentsio sistemaren eredua sortu zuena, belaunaldien arteko elkartasunean oinarriturik hain zuzen ere. Ekuazioa oso sinplea da, enplegua duten gazteen egoera ekonomikoa adinekoena baino hobeagoa denez, eurek egindako ekarpenen bidez ordainduko dira adinekoen pentsioak. Adin piramidea edota bizi esperantzaren eraginak alde batera utzita –ez dira bigarren mailakoak–, gaur egun neke zantzu nabarmenak azpimarratu ditzakegu eredu honen baitan, are gehiago jubilazio-adina eta lan-adinean dauden belaunaldien arteko ezberdintasunak inoiz baino handiagoak direnean. Gaurko jubilatuak dira, oro har, babes-maila gehiago izan dutenak eta urte luzez kotizatzeko aukera izan dutenak –jubilazio ez kontributiboa eta alargun pentsioak, noski, beste gauza bat dira–. Guzti horren ondorioa da jubilazio horien zenbatekoa altua izatea adineko askorentzat. Piramidearen bestaldean populazio gaztea dugu, lanaren prekarizazioa pairatzen duena eta sarritan soldata baxuak jasotzen dituena. Azken urteetako krisiak egoera hori areagotu baino ez du egin, adinekoek babes-maila altuagoa izan dute eta krisia gehien pairatu dutenak lanean eta egoera prekarioan dauden langileak izan dira. Testuinguru honetan eredu bismarckianoak ondorio erabat kontraesankorrak lortzen ditu: soldata baxuak eta kotizazio luzeak edukitzeko arazoak dituzten gazteak dira gaurko pentsionistei jubilazio altuak ordaintzen dizkiotenak. Erabat paradoxikoa den egoera alegia. Argi eta garbi gizarte politiketan hainbatetan erabiltzen den Mateo efektuaren aurrean gaude, apostolu hark Biblian aipaturiko esaldiari jarraituz: "Daukanari emango zaio eta ez daukanari duen apurra kenduko zaio". Ez naiz ni izango pentsioen kopurua jaitsi egin behar denik esango duena, baina uste dut adibide horrek gogoetarako beta ireki beharko lukeela hainbat gizarte politikaren kasuan. Gaur egun adina ez dago beti zaurgarritasun ekonomikoari lotuta, batzuetan bai, baina hainbatetan ez. Hortaz, garraio publikoetan egiten diren adinaren araberako deskontu orokorrak agian ez dira hain justuak. Badakit neure burua arriskuan jarri dezakedala ere, baina errealitate hau baliagarria zaigu beste hainbat programatarako… Imserso-ren bidaiak esaterako, ez baitauka logika handirik 1.700 euroko pentsioa jasotzen duen pertsonak batek merke baino merkeagoa bidaiatzea eta langile pobreak diren familiak hondartza zer den ez jakitea. Badakit eztabaida honek beste erpin batzuk ere badituela eta sinpleegia dela hemen botatakoa, baina eztabaida plazaratzea egokia delakoan nago.
news
argia-141798f8648e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/kopenhagen-amager-bakke-errauste-planta-elefante-zuri-berria.html
Kopenhagen Amager Bakke errauste planta, 'elefante zuri' berria
Pello Zubiria Kamino
2017-11-19 00:00:00
Kopenhagen Amager Bakke errauste planta, 'elefante zuri' berria Aginte publikoek sustaturik altxatako eraikin oso handi, ospetsu eta garestia, aldi berean bere ustiapen edo mantenuan zama ekonomiko bihurtzen dena, horra zer den ingelesez White elephant eta frantsesez Eléphant blanc izendatzen dutena. Hondakinetatik negozio egiten duten korporazioek Kopenhageko Amager Bakke erraustegi berria saltzen dute munduko aurreratuena delakoan. Aldiz, martxan jarri aurretik bihurtuta dago herritarrentzako buruhauste galanta. 2016ko urrian Londrestik The Guardian ek aurkeztu zion munduari Danimarkako mirari berria: "Ikuspegi bikainak dauzkan erraustegia: Kopenhageko hondakin plantak eski pista eta picnic eremua edukiko ditu". Ordenadorez egindako muntaian ikus daiteke aintzira eta zelaiz inguratutako paraje baten erdian sutegi futurista, kasualitatez tximiniarik ageri ez duena. Geroztik, Googleri Amager Bakker erraustegiaren irudiak eskatuz gero , aurkitzen dituen lehenak antzeko simulazioak dira, eraikin txundigarria elurpean, teilatu gainean eskiatzaileak, tximiniatik kea ez baina lurrunezko uztai artistikoak isurtzen... Arrasateko LKSko ordezkariak Perun saiatu direnean Gipuzkoakoa bezalako erraustegi bat saltzen hango agintariei, oso posible da Amager Bakker berri-berria aipatu izana. Modan jarri dute. Izan ere, zerk eduki lezake berme hoberik herrialde nordikoetan maite omen duten labe batek baino? Danimarkan bertan, ordea, kezkatuta dauzka.   Abuztuan Finans egunkari ekonomikoak argitaratu zuen: " Kaosa  milioiak kostatako erakin berrian: Amager Bakke hondakinak tonaka pilatzera behartuta ". Ekainean labeak estreinakoz piztu bezain laster hondatu zitzaizkion. Hiru sutegietatik bat konpondu arren beste biek aste batzuetarako lanak zeuzkatela eta gobernuak baimena eman zion konpainiari hondakinak usinan metatzeko. Arazo konplikatua, milaka tona haien ia erdia sukaldeko organiko ustelkorrez osatuta zegoelako. Udako matxura hau ez da izan lehenbiziko arazo teknikoa munduko erraustegi ekologikoena [ environmentally-friendly ] izateaz gain teilatuan eski pistak edukitzea harro aldarrikatu duen proiektu faraonikoarentzako. Joan den azaroan jakin zen bere hornitzaile nagusi B&W Vølund-ek akats tekniko larriak egin zituela, enpresari 100 milioi euroko galerak eraginez. Murmur hedabide daniarrak 2016ko azaroan argitaratu zuen Kopenhageko elefante zuri zikina , hiriburuko agintarien proiektu izarraren buru hausteak kontatuz. "Esaten zuten mugarri bat ezarriko zuela konbinatuz arkitektura garaikidea, aisialdiko instalazioak eta hondakinentzako tratamendu aurreratua. Baina zientoka milioi kosta behar duen Amager Bakkeko errauste planta bihur daiteke zama bat zergak ordaintzen dituzten herritarrentzako eta mantsotu ditzake hondakinentzako beste estrategia ekologikoak". Bere 85 metroko altuerarekin, Kopenhageko bigarren eraikin handiena da eta zaborrak erretzeko instalazioez gain osoki amaitutakoan eduki behar ditu eskiatzeko hiru pista, eskalatzeko harresia eta kafetegia. Hala ere, eraikina bukatu aurretik Murmur rek abisatzen zuen elefante zuriak eduki behar zuen arazo handiena: "Erraustegiak urtean 500.000 tona erretzeko ahalmena dauka, baina bere jabe diren bost udalerrien artean ez dute hainbeste zabor sortzen". Aldizkariaren kalkuluetan, horrek eragin lezake 2020 artean 255 milioi euroko defizita, azkenean herritarrek beren zergekin pagatu beharko lituzketenak. Arriskuaz jabetuta, agintariek erraustegiari eman diote labeetara atzerritik zaborra ekartzeko baimena, urtean 115.000 tona arte, erreko duenaren bostetik bat. Erabaki honek urratzen du Danimarkan 2012an hondakinen planak eztabaidatzean ezarritako hondakinak inportatzeko debekua; baina gastu handienak egin ostean, zorra ordaindu beharrak hartu die gaina klimaren aldaketaren inguruko argudioei. Ingalaterrako zaborren gose Amager Bakke erraustegia da, 500 milioi euroko kostuarekin –bidean azaldutako arazo tekniko eta atzerapenen ondorioz–, Europan eraiki direnetan garestiena. Baina zenbait aditu daniarren iritzian, baliteke zaborren inportazioa ez gertatzea aski adabaki bere finantza ahulentzat. Munduko erraustegi fashionenak dauzkan arazoak direla eta, Ingenioren aldizkariak berrikitan titulatu du: " Kiebra jo dezake erraustegi batek? Bai, Svendborgekoak erakutsi digu nola ". Danimarka hegoaldean, Svendborg hiriak bere aldiriekin biltzen ditu ia 60.000 biztanle. Udalak 1999an estreinatutako errauste plantak oraindik arrastaka daramatza 12 milioi euroko zorrak. Herritarren zergekin egiten die aurre: inguruko udalek erretzera bidalitako tona bakoitzeko 54 euro pagatzen duen bitartean, Svendborg beharturik dago tonako 143 ordaintzera. Svendborgeko erraustegiak konkurrentzia latza dauka agintariek liberalizatu berri duten zaborren merkatuan. 50.000 tona erretzeko labea eraiki zuten, baina hiriak ez du 18.000 tona baizik sortzen urtean, labeak ase eta kontuak borobiltzeko zaborrak nonbaitetik ekarri behar. Danimarkak bere osotasunean errauste ahalmen handiegia dauka. Atzerritik zabor pila itzelak inportatzen dituzte, 2015ean Britainia Handitik bakarrik 728.135 tona, daniar bakoitzeko 128 kg. Amager Bakkeren kasuan, 2012an planifikatzen ari zirenetako batzuek ohartarazi zuten zetorren egoeraz, proposatuz lehengo erraustegia zaharberritzea. Baina Murmur ren kronikan azaldu zutenez, erraustegiaren sustatzaileek lobby lan bortitza egin zuten, hasieran uzkur agertzen ziren agintari lokal eta nazionalak planta berri iraultzaile eta ikoniko baten alde jarri arte. "Europar Batasunak Ekonomia Zirkularraz hartu dituen erabakiak –idatzi du Christopher Nicastro Zero Waste Europeren azaroko buletinean – amesgaizto bat bezala dira Danimarkako erraustegientzako. Erretzeko gero eta gutxiago aurreikusita, Kopenhageko labe berri eta distiratsuek iraungitze askoz laburragoa eduki dezakete, galerak handitu eta herritarrei etorkizunean zama ekonomikoak eraginez". Danimarka da gaur Europan errausketan txapeldun, etxeetan sortu zaborren erdia kiskali eta, ordainetan, birziklatze tasak oztopatuz. Organikoaren bereizketari dagokionez, Kopenhage da herrialdean okerrena dabiltzan 20 udaletako bat . Aurten hasiko da organikoaren bilketa bereziarekin. Horrekin eta oro har Danimarkak birziklatzea handitzeko hartu dituen erabakiekin, are bazka urriagoa geratuko zaio Amager Bakkeko labeari. Irakurlea ohartuko zenez, ez dugu hitz bat aipatu Amager Bakke erraustegiak airera isuriko dituen toxikoez, ez hark sortuko dituen 100.000 tonatik gora eskoriez. Badirudi teknologia nordikoaren bermeaz fidatzen direla, nahiz eta eraikitzean ikusitako matxura eskandalagarriek ohar bat baino gehiago bidali Babcock & Wilcox konpainia sonatuaren fidagarritasunaz. Volkswagenek bere autoen isuriak urte luzeetan nola faltsutu zituen ikusi arren, oraindik ez dugu ikasi. VW kasuan legez, isuriak independentziaz neurtuko dituzten ikerlarien zain dago errauste industria.
news
argia-4355dc413c34
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/portuak-bizitzarako-ala-heriotzarako.html
Portuak, bizitzarako ala heriotzarako?
Juan Mari Arregi
2017-11-19 00:00:00
Portuak, bizitzarako ala heriotzarako? Bilboko Portuak bost urterako Plan Estrategikoa aurkeztu berri du. Getxoko kruzeroen kaian egin du, munduko itsasontzi onenetan milaka turista igarotzen diren tokian. Zein da plana? Irakurleek prentsa bidez jakin ahal izan dute. Baina portuko agintariek ez dituzte azaldu milaka lagunen bizitzari –eta heriotzari– eragiten dieten beste alderdi batzuk, nahiz eta portu hori funtsezko tresna izan. Horixe gogoratu zuen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, planaren aurkezpen ofizialean, elkarretaraturik. Portu horretan, baina ez kruzeroen kai elegante eta modernoan baizik eta Zierbenan, atzerriko dozenaka migratzaile saiatu dira azken hilabeteetan ezkutatzen polizoi moduan. Batzuek lortu dute. Gehienak harrapatu eta atxilotu egin dituzte. Bilboko Portuak horma bat jaso du migratzaileak itsasontzietan sartzea eragozteko, batez ere Ingalaterrara doazenak. Baina portu horretatik jarraitzen dute esportatzen zati batean Euskal Herrian ere sorturiko armak. Joan den urtean lehergailuz beteriko hirurehun edukiontzi garraiatu zituzten. Eta arma horiek bidaltzen dituzte herritarrak zapaltzen dituzten eta Europarako migrazioa sorrarazten duten gerretan dabiltzan herrialdeetara. Euskal Herrira etorritako migratzaileek, polizoi moduan ihesean dabiltzanak, herrialde gatazkatsu horietakoak dira hain zuzen. Euroganberaren debekuari muzin eginez, euskal portu honetatik armak ateratzen segitzen dugu, Saudi Arabia bezalako herrialdeetara ere bai. Bilboko Portuak kasu egin beharko lioke plataforma horri, eskatzen duenean "migratzaileen eskubideek eta askatasunek garrantzi gehiago izango duten etorkizun bat, konpainia handien interes ekonomikoek eta gerraren negozioak baino".
news
argia-8e3afcd7fa8e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/azalaren-koloreak.html
Azalaren koloreak
Jakoba Errekondo
2017-11-19 00:00:00
Azalaren koloreak Beltzetik zurira minbizi bat dago. Ardo beltzetik ardo zurira minbizi bat dago. 1988an Errioxako Murillo del Río Lezan, Jesús Galilea Esteban mahastizainak bitxikeria bat topatu zuen bere mahasti batean. Mahats beltza ematen duen "tempranillo" aldaerako mahatsondo batean (Vitis vinifera) mahats mordo zuri bat aurkitu zuen. Hura eman zuen adarretik abiatuta, txertatu eta txertatu, "tempranillo zuria" aldaera izango zenaren lehen mahatsondoak sortu zituzten. ADN azterketak eginda, bi aldaerak, azal urdin-beltza eta azal zuri-horizta dituztenak, ia erabat berdinak direla antzeman zuten. Beren informazio genetikoaren %97,8 bera da. %2,2 ziztrin horrek bereizten ditu. Baina emaitza zeharo desberdina da: batetik ardo beltza sortuko da eta bestetik zuria. Mutazio bat gertatu zen mahatsondo sonatu hartan. Mutazio horretan kromotripsia gertatu da, hau da, geneak eta informazio genetikoa daramatzan kromosomaren haustura masibo baten ondoren, etendako zatiak lehengoa ez bezalako hurrenkera batean elkartzen dira. Ondorioz aldaketak gerta daitezke. Gure espeziean tumoreen sorkuntzarekin eta zenbait gaixotasun genetikorekin lotzen da kromotripsia.   Horrela sortua da "tempranillo" zuria. Eta dagoeneko hedatzen ari da Errioxa jatorrizko izendapeneko lurretan. Hor sortua da, eta lehen txerto haietatik hazitako mahatsondoen kimuak txertatuz zabaltzen ari dira, beraiek nahi duten sailetara, betiere Errioxa markapeko Nafarroa, Araba eta La Riojako lurretan. Ez omen da "tampranillo" beltza bezain emankorra, baina berria izateak eta bere sorreraren bitxikeria denboran eta kokapenean hain hurbilekoa izateak sona polita eman diote. Dezenteko alkohol maila duten ardoak ematen omen ditu. Deskuiduan ardo zuri berri honek izen pixka bat hartu eta dirua egiten hasten bada, bateren bati zanga-zanga batzuekin txilibrizkatu eta mahasti berezi horietako adar batzuk hartu eta txertatu eta bere kasa ugaritzen hasteko gogoa etorriko zaio.
news
argia-45261dac0780
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2575/inma-errea-cleix-idazlea.html
"ETBko aurkezleak ezkontza batera joanen balira bezala doaz jantzita"
Reyes Ilintxeta
2017-11-19 00:00:00
"ETBko aurkezleak ezkontza batera joanen balira bezala doaz jantzita" Ideien mundua maite du Inma Erreak eta horregatik da kazetaria, itzultzailea eta idazlea. Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuko bere bulego berritik euskara aktibatzea da orain esku artean duen lan nagusia. Nondik datorkizu Cleix abizena? Arbaso bat Liejatik (Belgika) etorri omen, eta Alduden kokatu zen. Jatorrizko abizena, hala ere, Glaize zen. Gero, birrapitxiren aita, Eñaut, Pirinioez alde honetara artzain etorri, eta hark eraikitako borda batean bizi izan zen familia Zilbeti herrira etorri arte. Euskara etxean ikasi zenuen? Txikitan herrian bizi nintzen, Iruñera ikastera etorri arte. Amak euskara ulertu bai, baina galdu zuen. Osabek bai, Ameriketara joan ziren, eta han euskara gorde zuten. Aita Mezkiritzekoa genuen, hura ere euskalduna. Baina guri ez ziguten irakatsi. Unibertsitateko lehen mailan nengoela hasi nintzen euskara ikasten, eta orduan ohartu nintzen hizkuntzaren oihartzuna eta doinua banituela, apitxi-amitxiak elkarrekin euskaraz mintzatzen baitziren, eta guk gaztelaniaz erabiltzen genituen hitz eta esamolde anitz euskaratik zuzenean itzuliak zirelako. Horregatik esanen zidaten arraro hitz egiten nuela Iruñera 8 urterekin mojetara etorri nintzenean! Noiz piztu zitzaizun euskaltzaletasuna? Mojetan ikasi nuen batxilergoa, eta gero UBI zena institutuan egin nuen, eta han ezagutu nituen ikaskide batzuk, Iruñean zegoen giro euskaltzalean mugitzen zirenak. Orduan hasi nintzen horretaz pentsatzen, eta erabaki nuen euskara ikasi behar nuela. Unibertsitateko lehen urtean, izena eman nuen han bertan, Jose Basterretxea Oskillaso gernikarrak ematen zituen klaseetan. Hurrengo urtean, Arturo Kanpion euskaltegira joan nintzen, eta lau urtean ikasi nuen, kazetaritza egin bitartean. Ikasteko askoz dibertigarriagoa zen euskara kazetaritza baino. Euskara ikasteak nire buruaz ulertzen ez nituen gauza asko argitu zizkidan. Nire baitan nituen bi hizkuntzen presentziaz jabetu nintzen, eta haiek bereizten ikasi nuen. "Emakume jaiotzeagatik zer ikasi behar duzun eta zer ez, edo zer literatura klase egin behar duzun, mugatzen duten ideiek sormena mendean hartzeko funtzionatzen dute" Gaztetxo zinela tripetan sentitutako feminismoa ere aurkitu zenuen. Egia. 15 urte inguru nituela gauza askorekin egin nuen topo. Orduan hiritartu nintzen. Hori baino lehen, hirian bizi nintzen astean zehar, baina asteburuetan herrira itzuli, eta han nintzen zoriontsu. Nerabezaroaren hasiera hartan, beste mundu bat ezagutzen hasi nintzen. Greba gogorrak zeuden, dena oso konplexua zen eta giro hartan euskararen ikuspegi politikoa ezagutu nuen, eta modu berean, feminismoa. Bidegabe jotzen nuen gauza batzuk desberdin egin behar izatea neska nintzelako. Gauza asko ez nituen onartzen. Nire zaletasun asko ez zeuden oso ongi ikusiak neska batengan, denbora asko nire gelan irakurtzen ematea, adibidez, edo idaztea. Ematen zuen zerbait susmagarria egiten ari nintzela. Beste adibide bat: herrian oso normala zen neskak eta mutilak elkarrekin jolastea, baita futbolean ere. Ikastetxean, mojek debekatu egin ziguten futbolean aritzea femeninoa ez zelakoan. Orduan matxinatu eta errugbian hasi ginen. Hasi ginen ostiaka gure artean, eta mojak izutu, eta futbolean jarraitzeko baimena eman ziguten. Literatura eta harrikoa saiakeran literaturaz eta feminismoaz idatzi zenuen. Saiakera gustatu izan zait betidanik. Harrikoa egiten, halako lan mekanikoetan, ideiak barra-barra etortzen zaizkit, eta horrela hasi nintzen liburu hori mamitzen. Barnean nituen gauza batzuk atera nahi nituen. Emakume jaio izateagatik bizi izan ditudan gauzen inguruko gogoeta da. Ez naiz feminismoaren intelektual bat, ezta gutxiago ere. Asko irakurritakoa bai, ordea, eta horrela egin nuen topo, esate baterako, Virginia Wolfekin. Gela bat norberarena lanean aurkitu nuen pentsatzen nituen gauza askoren isla. Argazkia: Dani Blanco. Zein dira nabarmendu nahi izan zenituen ideiak? Emakume zein gizon, guztiok dugula eskubidea barnean duguna garatzeko, bat etorri ala ez genero arau hegemonikoekin. Arau horiek, gainera, aldakorrak dira, garaian garaikoak. Ideia nagusi batekin egin nuen topo: sortzea dela zure baitatik libreki egin behar duzun zerbait, besteei utzi gabe esaten zer zaren edo nor zaren. Ideia horietan aurkitu nituen nire matxinada partikularren arrazoiak. Emakume jaiotzeagatik zer ikasi behar duzun eta zer ez, edo zer literatura egin behar duzun, mugatzen duten ideiek sormena mendean hartzeko funtzionatzen dute. Emakume literaturaz eta emakumeentzako literaturaz hitz egin daiteke? Gauza desberdinak dira. Literatura guztiona da, eta guztiontzat. Ematen du generoarena dela, soilik, emakumeen kontua. Literaturan ez ditut bereizi nahi gizonak eta emakumeak, baina, aldi berean, emakume kontzientziatuek idatzitako literaturak erakartzen nau, eta behartuta sentitzen naiz hori bultzatzera, berdintasunaren alde egitearren. Bazterketa positiboa egitea beharrezkoa jotzen dut, baina berez kontraesan bat da. Ikerketa batzuk daude ideia horren inguruan, eta esaten dute emakumeek gehiago erabiltzen ditugula zenbait metafora, adibidez uraren ingurukoak. Ez dakit. Agian gure bizipenekin lotuta dauden gauzak erabiltzen ditugu, baina, aldi berean, ikaragarria da ikustea zein natural hitz egiten duten gizonek bizi ez dituzten esperientziez, erditzeaz, esate baterako. Gainera, haiek estereotipoak sortu, eta guk, emakumeok, irentsi behar... Horregatik, emakumeok zailagoa izaten dugu askotan nahi dugunaz idaztea, nahi dugun eran: nire esperientziaren ikuspegitik zerbait kontatu nahi badut, eta horretarako dauden kontatzeko moldeak gizonek sortuak badira... Bestalde, esan izan da emakumeok ez garela gauza pentsamendu abstraktua jorratzeko. Hori esaten badizute, behin eta berriz, eta emakume izanda ideien mundua gustuko baduzu, pentsa dezakezu emakume arraroa zarela. Niri saiakera gustatzen zait, eta poesia ere bai. Etiketak oso erraz jartzen dira, eta kalte handia egiten diote jendeari. Nik aitortzen dut horregatik sufritu dudala. Nerabezaroan guztiok sentitzen gara arraro. Nire kasuan, arrarotasun horri aurre egiteko nesken ohiko tresnak, dotore paratzea, makillatu eta diskoteketara joatea ligatzera, ez ziren baliokoak. Dantza egitea izugarri gustatzen zait, baina gaztetan, azienda feria batean nola, hala sentitzen nintzen dantzalekuetan, eta ez dakit gaur egun ere antzeko zerbait ez ote den gertatzen. "Iruñean, euskara ez ikusteko ahalegin handiak egin dituzte batzuek, eta horregatik herri txikiago askotan baino okerrago gaude" Kontu horretan gehiegi ez dugu aurreratu, ezta? Susmoa dut ezetz. Eta nondik dator hori? Ez dugu ikusi nahi, baina hori gertatzen ari da gizarteak berak eta bertako egiturek pentsamolde horri eusten diotelako. Haserretzen naiz horrekin. Indarkeria matxistarekin asaldatzen gara, baina ezer gutxi egiten dugu eteteko. Gaur, lehen bezala, gizon bati ezetz esaten badio neska batek, azalpenak eman behar dizkio. Gizon askok ez dute ezetza onartzen. Ikaragarria da, eta ez da aldatu, goiko egiturek segitzen dutelako hori elikatzen. Patriarkatua, kapitalismoa… Nahi duzun bezala deitu, baina hor dirau, eta hori aldatzea ez zaie komeni boteretsuenei. Beste generoak egiten duena ez imitatzea feminismoaren gakoetako bat da? Bai, baina zaila da. Virginie Despentesek, esate baterako, proposatzen du kontrakoa: emakumeak gizonen antzera egitea, bestela batere kasurik ez digutelako eginen. Adibidez, ez egitea uko gizonek defendatzeko erabiltzen dituzten moduei. Baina feminismo kontziente batetik arituta. Beste alde batetik, badira gizonen pare ibiltzen diren emakumeak, beste emakumeei kalte egiteko beldurrik ez dutenak, emakumeekin gizonak baino zorrotzagoak. Halakoek mespretxatzen dituzte ustez beren mailara iristen ez diren emakumeak. Hori ez da Despentesek proposatzen duena. Batzuendako eskandalagarria da, baina oso interesgarria da idazle horrek kontatzen duena. King Kong teoria liburua izugarria da [euskarara ekarri du Itziar Diez de Ultzurrunek], eta guztiei, eta bereziki gizonei, gomendatzen diet. Probokazioa irudi lezake, baina ez da hori. Despentesek beraren historia kontatzen du: bortxaketa, prostituzioan izandako esperientziak… Itzuliko zinateke kazetari lanera? Euskal Telebistan egiten nuen kazetaritza motara ez nintzateke itzuliko. Esperientzia ona izan zen, baina une txarrak ere pasatu nituen. Orduan hasi zen kazetaritza aldatzen. Ikuskizunari gero eta garrantzi handiagoa ematen hasi zitzaion, eta hala da orain ere. Kazetaritza ikastea hautatu nuen idaztea gustuko nuelako, baina badira gauza asko jasaten ez ditudanak, ikuspegi sexista, esate baterako. Aurkezleak ezkontza batera joanen balira bezala doaz jantzita. Negu gorrian, tirantedun soineko dotoreekin, izugarrizko takoiekin… Eta hori gizartearendako eredua da. Horrek ez ditu emakumeak ahaltsuago bihurtzen, ahulago baizik. Mezua da irudia oso inportantea dela, agian inportanteena. Telebista frantsesean ez da hain muturrekoa, jantziak soilagoak dira, esate baterako, eta Ingalaterran berdin. ETB jarraitzen ari zaio Estatuko beste telebisten ereduari, eta ez zait gustatzen. Azken boladan, TV3 ikusten dut. Telebista konbentzionalen artean, duinena iruditzen zait. Argazkia: Dani Blanco. Itzultzaile bokazioz? Gustatzen zait ahalik eta hobekien ematea hizkuntza batean beste hizkuntza batean sortua izan dena. Ideiak garraiatzea hizkuntza batetik beste batera. Oso gustukoa dut hizkuntzekin jolastea. Giro eleaniztun batean sortu eta hazi izanak eragina izango zuen horretan, zalantzarik gabe. Herrian, euskararen eta gaztelaniaren presentziaz gain, frantsesaren eragina ere bazegoen, eta txikitatik izan dut izugarrizko jakin-mina gauza berriengatik. Gure etxera maiz etortzen ziren "amerikanoak", esamolde ingelesak ahoan. Gure aita Idahon ibilia zen artzain, eta amaren aldetiko osabak Kalifornian genituen. Stéphane Hesselen Haserretu zaitezte! lanaren itzulpenak zer garrantzi izan du zuretzat? Lan hori, eta urte berean, 2011n, plazaratu ziren beste biak ere, Ekonomialari harrituen manifestua eta Ez duzu deus ikusi Fukushiman , Denonartean argitaletxe orduan hasi berriaren enkarguak izan ziren. Bizi-bizi aritu ginen, hainbat hizkuntzatan aldi berean kaleratu nahi zutelako Hesselen lana. Ekonomialariena eta Fukushimarena ere azkar-azkar joan ziren, errealitateak, krisiak eta istripu nuklearrak premiatuta. 2014an, laugarren bat egin genuen: Filosofia alabari azaldua . Lan lasaiagoa izan zen. "Azienda ferian nola, hala sentitzen nintzen dantzalekuetan, eta ez dakit gaur egun ere antzeko zerbait ez ote den gertatzen" Zein dira Euskara Zerbitzu berrituaren erronka nagusiak? Hasteko, esan behar da ez dela egia Iruñeko Udalean ez dela ezer egin urte hauetan. Baina normalizazioaren bidea asko murriztu zen UPNk agintean emandako denboran, eta euskara kulturaren esparruan landu zen gehienbat. Gauza asko izoztuta gelditu ziren 1999an. 1997an onetsi zen euskararen ordenantza. Gauza batzuk egin ziren arren, beste asko tiraderetan gorde zituzten. Ordenantza bera hiru alditan murriztu zen, harik eta 2012an laugarren aldaketa egin arte, kasu horretan, bere ahalmena pitin bat zabaltzeko: euskarazko errotulu eta testuetan euskaraz erabilitako tipografia irakurgarriagoa egiteko proposamena onetsi zen. Orain Udaleko gobernu-taldeak hasierako ordenantza haren espiritua nahi du berreskuratu, eta hori dela-eta gauza asko abiarazi behar dira. Hori lortze aldera berregituratu da Euskara Zerbitzua, itzultzaileak ere bertan kokatu eta euskara teknikari berri bat kontratatuta. Hala ere, zaila da denera iristea denbora gutxian eta dauzkagun baliabideekin. Krisi ekonomikoa ez dakit gainditu ote dugun, baina haren ondorio anitz pairatzen ari gara oraindik. Premiazkoena zer da? Gauza asko: erabilera plana behar dugu barrura begira, eta euskara plana, hirira begira. Zehaztu behar dugu zer egin dezakegun, ditugun baliabideekin, herritarrei zerbitzua emateko.Gauza asko daude egiteke. Iruñerriko beste herri txikiago batzuetan jada egin diren urratsak eman behar ditugu guk orain. Iruñean euskara ez ikusteko ahalegin handiak egin dituzte batzuek, eta horregatik herri txikiago askotan baino okerrago gaude. Gainerako euskara zerbitzuekin hasi gara orain lankidetzan, sinergiak sortze aldera. Iruñean, Iruñerrian gaude, eta aldi berean gure hiria nafar hiriburua da, eta hori guztia ez dugu bistatik galdu behar.
news
argia-6c6d40a3ed93
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/arabako-patata-sortzez-bergararra.html
Arabako patata sortzez bergararra?
Josu Narbarte Hernandez
2018-09-09 00:00:00
Arabako patata sortzez bergararra? Euskal Herrian patata-laboreen lehen aipamenak izan litezkeenen bidez jakin dugu patata lantzeko esperimentuak 1776an Bergaran abiatu zituela Rafael Garitano Aldaeta apaizak. Amerikatik ekarri eta eguneroko jaki bihurtu zen patata da oraindik ere baserri askok lantzen duten soro bakanetakoa. Europar inbasioaren ostean, Amerikatik landare eta animalia espezie berri ugari ekarri zituzten. Hauek nekazaritza eta abeltzaintza eredu berriei ireki zizkieten ateak, Europako gizarteen egitura sozio-ekonomikoan, landa-paisaian nahiz dietan eraldaketa handiak eraginez. Prozesu honi "artoaren iraultza" esan ohi zaio, zereal hori ( Zea mays ) izan zelako produktu berrien artean garrantzitsuena, baita goiztiarrena ere: XVII. menderako orokortuta zegoen kontinente zaharreko eskualde askotan, besteak beste Euskal Herriko isurialde atlantiarrean. Beste produktu batzuen inguruan, berriz, oso gutxi dakigu. Babarruna ( Phaseolus vulgaris ), tomatea ( Solanum lycopersicum ), patata ( Solanum tuberosum ) edota piperra ( Capsicum annuum ) ezagunak ziren Europan XVI. mendeaz geroztik, garai horretako hainbat herbario eta errezeta-liburuetan agertzen baitira; besteak beste, Pietro Andrea Mattioli toskanarrak 1544an argitaratutako Diskurtso etan, edo John Gerard ingelesaren 1597eko The Herball en. Alabaina, baina noiz eta nola hedatu ziren, nola lantzen zituzten eta zer erabilera zuten? Galdera hauei erantzuteko, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian bada altxor txiki bat: Euskal Herrian patata-laboreen lehen aipamenak izan litezkeenak jasotzen dituen agiria, hain zuzen ere. Testuak Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak –Azkoitiko Zalduntxoen "Bascongada" famatuak– 1771 eta 1793 artean egindako urteroko Batzarren aktetan jasota daude, Extractos de las Juntas Generales celebradas por la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País izenburupean. Nekazaritzari eta ekonomiaren gainerako sektoreei lotutako beste hainbat gaien artean, 1770eko eta 1780ko hamarkadetan patata-laboreekin egindako esperimentuak jorratu zituen elkarteak, haien izaera berritzailea azpimarratuz. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak –Azkoitiko Zalduntxoen "Bascongada" famatuak– 1773an egindako urteko Batzarren akta. Nekazaritzari eta ekonomiaren gainerako sektoreei lotutako beste hainbat gaien artean, patata-laboreekin egindako esperimentuak jorratu zituen elkarteak, haien izaera berritzailea azpimarratuz. Patata laboreekin lehen esperimentuak: Bergarako erretore ilustratuaren baratzetik Arabara Patatak Andeetan du jatorria, eta europarrak Amerikara iristean ohiko laborea ziren kontinente berriko gizarteen artean. Euskal Herrira, dirudienez, Irlandatik ekarri zuten lehen aldiz, Europako beste herrialde batzuetan ordurako aspalditik ezagutzen zutenean. 1765etik aurrera, Hondarribian sartu zutela dirudi, eta handik gutxira Bilbon, Begoñan, Gabirian, Legazpin eta Bergaran ere aipatzen da. Azken herri honetan abiatu ziren, hain zuzen ere, labore berria egonkortzeko lehen esperimentu sistematikoak, Oxirondoko Santa Marina parrokiako erretore zen Rafael Garitano Aldaetaren ekimenez. Euskal Herriko historian elizgizon erreakzionario edo karlistaren irudia oso presente egon daiteke agian, baina, kasu honetan, badirudi jakinmin zientifiko bizia zeukan apaiz ilustratu baten aurrean gaudela. Adiskideen Elkartearekin harremanetan egoteaz gain, badakigu Europako beste herri batzuetan egindako aurrerapenen berri bazuela. Esaterako, Antoine-Augustin Parmentier higienista frantsesaren lanak ezagutzen zituen, patatarekin irina egitea proposatzen zuen bertan. Eta horregatik erabaki zuela patata-laboreekin esperimentatzen hastea. Erretoreak bere baratzeko bi sail hautatu zituen patatekin esperimentatzeko. Bertan, gainerako fruituak ―garia, artoa nahiz arbia― hondatu egiten omen ziren, paraje ospela zelako, jendea etengabe pasatzen zelako eta, etxea hurbil egonik, oilo eta oilaskoek haziak jaten zituztelako. Urte gutxian, aleak modu harrigarrian ugaritzea lortu zuela dirudi, eta labore berria bizkor zabaldu zen Bergara inguruko eskualdeetan, isurialde atlantiar osoko baserrietan ohiko produktu bilakatzeraino. XIX. mendearen lehen erdian, patata-laboreak Arabara ere hedatu ziren, arrakasta handiko tradizioari abiapuntua emanez. Bide honetan funtsezkoak izan ziren aurreko hamarkadetan Adiskideen Elkarteak martxan jarritako esperimentuen emaitzak. Izan ere, elkarte horretako hainbat kide herrialde horretako Diputazioko goi kargudun bilakatu ziren, eta ideia ilustratuak administraziotik aplikatzeko aukera izan zuten. Saltzeko ez, etxekoak elikatzeko Europan ohikoa zenez, patata abereak elikatzeko erabili izan zen hasieratik; 1780ko batzarrean aipatu zenez, "arto ugari aurrez liteke, hegaztiak (bereziki kapoiak) patataz elikatuz gero, hauek nahiago baitituzte patata egosiak artoa baino". Baina, horrez gain, gizakiak elikatzeko ere erabil zitekeen. Hondarribian, kasu, egosita eta erreta kontsumitzen zuten. Oxirondoko apaizak, berriz, ogi-orea egiteko erabili zuen patata, arto nahiz gari irinarekin erdibana nahasiz. Legazpin ere errezeta bera erabiltzen zuten. Patata-laboreak prestatzen, Zestoako Akoa auzoko Zubigoena baserrian, 2016ko abenduan. Argazkia: Josu Narbarte. Artoarekin edo babarrunarekin alderatuta, beraz, patata berandu zabaldu zen Euskal Herrian eta oro har Europan; baina, behin egokituta, irmoki egonkortu zen. Izan ere, beste produktu batzuk ez bezala, patata ez zen, normalean, merkatura edo errentak ordaintzera bideratzen, autokontsumora baizik. Jende xumeen jana zen. XIX. menderako, Europako landa-populazioaren parte handi baten dietak produktu hau zuen oinarri eta, 1840ko hamarkadan Phytophthora infestans onddoaren izurriak patata jo zuenean, eskasiak gogor gaztigatu zituen hainbat eskualde. Adibiderik muturrekoena, ziur aski, Irlandakoa dugu; izan ere, kolonialismo ingelesak eragindako desberdintasun sozialen ondorioz, herrialde horretako laborarien dieta patatan oinarrituta zegoen ia soilik, eta honen gaitzak areagotu egin zituen An Drochshaol edo 'Gosete Handia' delakoaren ondorioak. XVIII. mendeko apaiz ilustratu haren esperimentuek, beraz, itzal luzea daukate. Egungo Euskal Herrian, oraindik ere, landa-paisaiako nahiz gastronomiako ohiko elementua da patata. Arabakoa Eusko Label zigiluarekin babestuta dago, eta presente dago herrialde horren inguruko estereotipo guztietan. Isurialde atlantiarrean, berriz, garai bateko polilaborantza gainbehera makalean dagoen honetan, baserri askotan oraindik lantzen diren produktu gutxien artean patata topa daiteke toki askotan.
news
argia-e458dd90a59f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/patri-espinar-pareta-guztien-gainetik.html
"Emakumeen esku-pilotan, 30 urtetan egin ez dena hiru urtetan egin da"
Danele Sarriugarte Mochales
2018-09-09 00:00:00
"Emakumeen esku-pilotan, 30 urtetan egin ez dena hiru urtetan egin da" Ikusi al duzue Pilota girls (Sra. Polaroiska, 2012) film laburra? Ondo baino hobeto laburbiltzen du Patri Espinarrek pilotaren munduan egindako bidea: dena oztopo, dena traba. Azken urteotan jaso du, ordea, urte luzetako ahaleginaren aitortza: munduko bi txapel eta herrikideen beroa. Pilotaria, kirolaria… zertzat duzu zure burua? Azken boladan jende askok esaten dit pilotari, baina nik kirolaritzat dut nire burua, beti ibili naizelako kirol munduan. Konpetitu dut futbolean eta pilotan (pala eta eskua), baina ibiltzen naiz mendian, piraguan, eskian… Kirol asko egiten dut. Noiz eta zerekin hasi zinen? Hasi nintzen 6 urterekin areto-futbolean, Usansolon, mutilekin. Egin nuen ere saiakera bat pilotarekin, 8 urte inguru nituela, baina probatu eta berehala utzi nuen. Jarraitu nuen areto-futbolean mutilekin, eta gero 9-10 urterekin hasi nintzen berriro esku-pilotan, eta biak tartekatu. 14-15 urterekin futbolean hasi nintzen neska nagusiagoekin eta 17rekin esku-pilota utzi nuen. Hala nahi zenuelako? Ez, sekulako penarekin utzi nuen. Niri gehien gustatzen zaidan kirola esku-pilota da eta zen. Utzi nuen ezin nuelako segitu. Mutilekin ibiltzen nintzen, eta kadeteak arte primeran ibili nintzen, baina kadeteetan hasi nintzen sekulako aldea nabaritzen eta jubeniletan ja jasangaitza zen. Nola ez zen egiten ezer neskentzat eta neska bakarra nintzen garai horretan… Kristoren penarekin utzi nuen, eta jarraitu nuen futbolean. Zergatik duzu hain gustuko pilota?   Jokoak berak ematen didana gustatzen zait. Pilota astintzeak gozamen handia ematen dit, eta gainera balio dit askatzeko nire barruko tentsio eta amorru guztiak. Pila bat gustatzen zait jokoan bertan nola lortzen den tantoa, nola irabazten diren partidak, pila bat lotzen nau: aurkariak desplazatu behar dituzu, urrun bidali, eta gero hutsune bat sortu han tantoa bukatzeko. Tanto bakoitza erronka bat da, partida bakoitza erronka bat da, oso ezberdin jokatzen dituzu partida eta tanto bakoitza, noren kontra jokatzen duzun, nola zauden… Horrek lotzen nau. Argazkia: Marisol Ramirez / Foku Noiz hasi zinen berriro pilotan? 17 urterekin eskua utzi eta 19-20 urterekin palarekin hasi nintzen. 6-7 urtez ibili nintzen palan. Aukera handiagoa dago emakumeak palan ibiltzeko? Bai. Eskuz ibiltzen ginen neskok utzi behar izaten genuen lehenago edo beranduago, ez zegoelako lehiaketarik neskentzako, eta mutilekin ari bazara iristen da momentu bat ezin duzuna konpetitu, ezinean ibiltzen zara. Eta bideratzen zaituzte palara, palan badaudelako lehiaketak bai trinketean bai frontoian. Azkenengo hiru urtetan, ordea, eskuz ibili naiz. Egoera aldatu da? Azkenengo hiru urteetan izugarri aldatu da, harrigarria da, eta da pertsona batek eta federazio batek hartu zutelako ardura hori, emakumeen esku-pilota bultzatzeko ardura. Hasi ziren Bizkaian bultzatzen, Bizkaiko Federazioa eta Iker Amarika, Emakume Master Cup-eko antolatzailea, eta Larrabetzun emakume esku-pilotarien klub bat sortu zen, lehenengoa, txokoan. Hor hasi zen dena. Iker Amarikak Emakume Master Cup sortu zuenetik eta telebistan ateratzen hasi ginenetik, boom bat izan da. Hiru urtetan egin da 30 urtetan egin ez duguna, historian emakumeen esku-pilotaren alde egin ez dena. 120 pilotaritik gora dabiltza, gero eta gehiago datoz, gero eta neska gehiago daude eskola-adinean, eta horrela jarraitzen badugu sekulakoa izango da. Hiru urtetan aurrerapauso pila eman dira. Kirolean aritu ez ezik, kirolarekin loturiko ikasketak egin zenituen: soin hezkuntza ikasi duzu. Zer eman dizu horrek kirolari moduan? Kirol psikologiak pila bat ekarri zidan. Gazteagoa nintzenean, burua ez neukan hain egonkortua, ez nituen oso ondo kontrolatzen nire amorruak eta nire barruko gauza asko, ez nuen ondo kanalizatzen energia hori guztia, eta kirol psikologiaren bitartez ikasi nuen hori dena beste era batera bideratzen edo transformatzen, eta are gehiago, kontrol mental handiagoa edukitzen. Niri horrek asko lagundu dit kirol munduan. Gaur egun amorru handia sartzen zaidanean edo ez nabilenean ondo jokatzen, saiatzen naiz horri buelta ematen eta aldatzen, eta hori ikasi dut esperientziarekin, baina baita ere kirol psikologiako teknikekin. Noiz eutsi behar izan diozu buruari hotz? Iaz Kolonbian egon nintzen one wall munduko txapelketan. Niretzat jokamolde berria zen, ni ez naiz ibiltzen horretan, eta munduko txapelketara joan baino lehen Valentzian egon nintzen bertako eta Euskadiko selekzioekin, eta hor erakutsi zidaten nola jokatzen den Europan eta Amerikan, zeren guk euskal erara jokatzen genuen eta oso ezberdina da. Valentzian egurra eman zidaten toki guztietatik, partida guztiak galdu nituen, eta aldiz, munduko txapelketara joan nintzenean, lesioak eta oso momentu zailak pasatu ostean, presio guztia kendu nuen. Iritsi eta berehala, lehen partidan, orkatila bihurritu nuen, baina berdin zitzaidan, segitu nuen, tantoz tanto, jokoz joko. Valentzian egurra eman zidatenei irabazi nien: nire ustez, haiek buruz ahulago zeuden, nahiz eta teknika aldetik hobeak izan eta kirola hobeto ezagutu. Argi dut irabazi nuela ez teknikagatik baizik eta buruagatik. Aldiro tanto bakoitza ahalik eta hobekien egitera eta dena ematera joaten nintzen, eta horrek ekartzen dizu irabaztea. Zer da one wall ? Pilota joko bat da. Irlandatik dator, eta oso hedatua dago Europan eta Ameriketan. Ez du zerikusirik euskal pilotarekin, dena da ezberdina: instalazioak, pilota bera, tantoak egiteko modua, kolpea egiteko era, hankak jartzeko era, eskuaren mugimendua, espazioa nola hartzen den… Kolonbiakoa izan al zenuen lehen munduko txapelketa? Esku-pilotakoa bai, palakoa ez. Palan Txilen egon nintzen 2005ean. Pilotari batentzat handia da munduko txapelketa, handiena, Joko Olinpikoetan oraindik ez baita euskal pilota sartzen kirol ofizial bezala. 2005eko esperientzia itzela izan zen, kirolari batek bizi nahi duen gauzarik ederrena. Horra, baina, Espainiako selekzioarekin joan ginen lau pilotari euskaldun. Euskal selekziokoek duela bi urte deitu zidaten lehenengo aldiz eta iaz deitu zidaten munduko txapelketara joateko. Ez nuen espero. Gainera, egon nintzen kirola uztekotan bizkarreko lesioarengatik eta aukera hori eman zidatenean izan zen hil ala biziko zerbait, orain ala inoiz ez, eta bete-betean aprobetxatu nahi nuen. Oso aukera gutxi eduki dut esku-pilotan jokatzeko, eta ni oso plaza emakumea naiz, gustatzen zait jendearen aurrean jokatzea, gustatzen zait erakustea. Agian ez zidaten berriro deituko, eta pentsatu nuen: orain demostratu behar dut orain arte demostratu ezin izan dudana. Eta hori egin nuen. Bizkarreko lesioa aipatu duzu. Bai, hor daukat oraindik. Lehenengo kolpe handia izan zen 20-21 urterekin, lehenengo hernia diskala atera zitzaidan eta oso une gogorrak pasa nituen. Dena dator motor istripu batetik, motor batek eman zidan kolpe bat, txikitu zidan oina, eta antza denez bizkarreko lesioa sortu zitzaidan. Eta duela bi urte eman zidan krak handi bat eskalatzen ari nintzela. Banekien hor zerbait oso larria neukala. Gaur egun egunero lokartzen zaizkit eskuak, egoten naiz bertigoekin, zorabioekin… Oso gogorra da emakume kirolari bezala, ez gaitu-eta inork ezagutzen, joatea aseguru-etxera, zeren horregatik daukagu asegurua, eta proba bat bera ere egin ez izana. Hor ematen dizu gogoa negar egiteko, kirola uzteko: zertan ari naiz ni hemen dena ematen pilotarengatik, gero lesio bat dut, ordaintzen dut nire asegurua eta ez didate egiten ezta proba bat ere! Azkenean familia medikuak egin zidan erresonantzia, pila bat eskertzen diot, eta emaitzak ikusi zituenean harrituta geratu zen, erresonantzia hori omen zen gizon zahar batena, ez gazte batena. Bederatzi orno nituen lesionatuak. 6-7 hilabetez ibili nintzen kirol-zentro pribatu batean, dirutza ordaintzen, bizkarra indartzen eta tonua hartzen, eta badirudi buelta eman niola, eta momentuz segitzen dut pilotan, baina beti kontrolatu behar dut nire gorputza eta zer egiten dudan. Argazkia: Dani Blanco. Emakume kirolarien egoerari begiratuta, zeintzuk dira premia larrienak? Hainbat gauza ezberdindu behar dira. Alde batetik taldeko kirolak daude: futbola, saskibaloia, eskubaloia… Kirol horiek egituratuta daude, entrenatzaileak dituzte, klubeko arduradunak, klubak, urte osoko txapelketak… Esku-pilotaren kasuan, berriz, eskola kirola bai, baina kirol federatua oraindik ez dago ondo egituratua. Ari gara pausoz pauso, eta nik faltan botatzen dut egitura hori: entrenatzaile bat, prestatzaile fisiko bat, entrenatzeko ordutegiak, astean hiru entrenamendu, fisikoak eta teknikoak… Hori ez daukagu emakumeen esku-pilotan, eta nik hori nahi dut, nahi dut entrenatu astean hiru aldiz, entrenatzaile batekin, prestatzaile batekin, eta konpetitu astebururo, probintzian, Euskadin, eta Euskaditik kanpo. Hori falta da. Esan genezake esku-pilota dela kirol minoritario bat eta kristoren aldea dago kirol minoritarioen eta kirol nagusien artean. Kirol nagusietan, hala ere, alde handia dago emakumeen eta gizonen artean: baliabide ekonomikoetan, materialetan, komunikabideetan duen oihartzunean… Zer neurri hartu beharko lirateke horren aurrean? Azken urteetan egin diren politikak: oihartzun gehiago eman komunikabideetan, nesken klubak sortu eta egituratu... Eta harrobitik hasi, umetatik. Lan ona egiten ari dira. Hogei urte hauetan pila bat aldatu da dena, eta nik uste dut segi beharreko bidea hau dela. Eta, gero, instituzioek babesa eman behar diote emakumeen kirolari. Gaur egun dena ari dira erregulatzen, adibidez diru-laguntzak jasotzeko emakumeen kirola bultzatu behar da, eta horrelako politikak oso lagungarriak dira neskentzat, bestela jarraituko genuke beti bezala. Bide onetik goaz, nahiz eta oso poliki joan. EMAK taldeko kidea zara. Zer da EMAK? Nola sortu zen? EMAK sortu zen 2011-2012 urteen inguruan. Diagnostiko bat egin zuen Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak, erakusteko nola zegoen emakumeen kirola Donostian, arlo guztietan: eskola kirolean, aisialdikoan, federatuan eta goi-mailakoan. Nik parte hartu nuen kirolari moduan. Avento kirol aholkularitzako kide Ainhoa Azurmendi ibili zen dinamizatzaile lanetan, eta pentsatu genuen talde bat sortzea eta segitzea emakumeen kirola bultzatzen. Elkartu ginen bospasei emakume, kirolariak zein ez, eta hasi ginen jarduerak antolatzen: mendi-irteerak, piraguismo-irteerak, zine-forumak… Gaur egun martxan jarraitzen dugu, baina beste estrategia batekin: hitz egiten dugu kirol federazioekin, federazio horiek emakumeen kirola sustatu dezaten nork bere aldetik. Adibidez, horrela sortu dira Emakumea surflari eta Emakumea piraguista proiektuak, eta kristoren arrakasta izan dute. Emakumea surflari -n ehun eta piko emakume ari dira surfa egiten, piraguan ere beste pila bat… Pilota Girls izeneko film laburrean agertzen zara. Kontatuko didazu zer den Pilota Girls ? Sra. Polaroiska taldeak egin zuen, Bilboko bi emakume dira: Maria Ibarretxe eta Alaitz Arenzana, bi artista puska. 2012an deitu zidaten, bideo bat egin nahi zuten, eta emakume pilotari bat izatea protagonista, zeren egin zuten pilotari buruzko lan handi bat Museo Etnografikorako eta konturatu ziren ez zegoela emakume pilotaririk, eta orduan lagun baten bitartez jarri ziren harremanetan nirekin. Zer agertzen da bertan? Bost minutuko labur bat da, eta bideoklip formatua du. Ematen du parcour egiten ari garela, eta ez pilotan jolasten, zeren ez dugu frontoian jolasten, gizona ez da protagonista… Protagonista da neska bat,eta frontoian aritu beharrean Bilboko hirian dabil, Kale Nagusian, banketxeetan, dendetan, autobusetan… Bideoak estereotipoak apurtu nahi ditu eta mezua hauxe da: gauza guztien gainetik pilotan jolasten dut, gustuko dudalako, eta muga guztien gainetik eta traba guztien gainetik jolasten dut. Eta hori da emakume pilotari bezala nik bizi izan dudana nire bizitza osoan pilota munduan, dena da muga. Nik nahi dut pilotan jolastu, ez didate babesik ematen etxean, berdin dit; neska bakarra naiz, berdin dit; ez dago nesken lehiaketarik, berdin dit: nik nahi dut pilotan jolastu. Eta segituko dut pilotan jolasten.
news
argia-0fcb22d37016
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/frisieraren-erabilera-bultzatzeko-euren-bertsogintza-asmatu-dute-zerotik-bertsolaritza-oinarri-hartuta.html
Frisieraren erabilera bultzatzeko euren bertsogintza asmatu dute zerotik, bertsolaritza oinarri hartuta
Dabi Piedra
2018-09-09 00:00:00
Frisieraren erabilera bultzatzeko euren bertsogintza asmatu dute zerotik, bertsolaritza oinarri hartuta Euskal bertsolaritzaren eragin sozialak liluratuta, frisierazko ahozko inprobisazioa hutsetik sortu dute bertako dozena erdi lagunek, gazteak hizkuntzarekin jolastera animatu daitezen. Tradiziorik ezean, euskal bertsolaritzatik egokitu dituzte bartelje-ren oinarrizko arauak. "Frisian ez dugu Francoren diktadurarik izan, nederlanderaren eta frisieraren arteko harremana ez da gatazkatsua", diote bartelje proiektuaren sortzaileek, Ipar Itsasoaren ertzeko eskualde lasai hartako egoera soziolinguistikoa testuinguruan jarriz. Frisiarrek ez dute beren hizkuntza hil ala biziko egoeran ikusi, ez dago frisieraren aldeko mugimendu sutsurik ez kontzientziazio sakonik. Baina hizkuntza gutxitu guztiek bezala, biziraupena jokoan du frisierak: neurririk hartu ezean kolokan izan dezake etorkizuna. Hain zuzen ere, euskarazko bertsolaritzan ikusi zuen gizartea aktibatzeko eredua frisieraren aldeko taldetxo batek. Frisiako biztanleen erdiek frisieraz badakiten arren eta erabilera datuak onak diren arren, etxeko eta lagunarteko hizkuntzatzat dute gehienek, eremu publikoan nederlanderara eta ingelesera jotzen dute, eta arlo formalean zer esanik ez. Ahozko inprobisazioa hizkuntzarekin jolasteko aitzakia eta frisiera plazara ateratzeko bidea izan daitekeela uste dute. Proiektu berritzaile hau martxan jarri duten taldetxoko kide dira Bart Kingma eta Mirjam Vellinga. Zinema zuzendaria da Kingma eta bertsolaritzari buruzko dokumentala grabatu zuen Euskal Herrian iazko neguan. Besteak beste, BECeko finalean eta hezkuntza arautuko bertsolaritza-klase batean izan zen. Vellinga, aldiz, frisiera bultzatzeaz arduratzen den Afûk elkarteko kidea da. Hura ere BECen izan zen abenduko finalean. Bertsolaritzak euskal gizartean duen eraginak txunditu zituen biak. Hizkuntzaren bidez sortutako "magia" aipatu dute, frisieraz halako zerbait balego zer nolako aurrerapena litzatekeen nabarmendu dute. Euskal Herriko bisitalditik bueltan pentsatu zuten frisierazko inprobisazioari ekitea eta, hortaz, hastapenetan daude oraindik. "Bilatzen duguna da hizkuntza ez dadila izan komunikazio praktikorako bide hutsa, bestelako funtzio batzuk ere izan ditzala", dio Vellingak. "Audientzia berrien bila ari gara, baina hizkuntzaren erabilera berri baten bila ere bai. Frisieraz poema bat sekula idatziko ez lukeenak, beharbada frisiar bertso bat egingo du, dibertigarria delako". Frisian ahozko inprobisatzailerik ez dagoenez, jarduera horri helduko dioten hautagaiak bilatzeari ekin diote. Lehenik eta behin, hainbat poeta gonbidatu zituzten saio batera, ea batzuk inprobisatzera animatuko ziren. "40 poeta inguru etorri ziren eta haietako asko saiatzeko prest agertu ziren", dio Kingmak. Lehenengo probak egiten ari diren arren, Vellingak ziurtatu du noiz edo noiz agertu dela bertsolaritzaren "magia" hori: "Batzuk kantatzera ausartu dira eta zerbait irten da hortik". Euskaldunak eredu Frisierazko inprobisazioak, ordea, badu traba handi bat: Hutsetik sortua denez, ezaugarri guzti-guztiak, arauak barne, zehaztu egin behar dituzte, eta hori ez da lan erraza. Izena bera ere, bartelje , asmatu berria da. "Frisian ez dago berezko tradizio askorik, beharbada kirolarekin eta halakoekin lotutakoak bai, baina hizkuntzari dagozkionik ez. Musika tradizionalik ez daukagu, ahozko inprobisaziorik ere ez", azaldu digu Vellingak. Hortaz, bartelje ren nortasuna eraikitzeko, euskarazko bertsolaritzara jo dute eta arau nagusiak bertatik hartu dituzte: errimatzeko modua, neurria, a cappella kantatzea eta abar. "Ahozko poema inprobisatu bat sortzeko trikimailu erabilgarriak ikasi ditugu euskaldunengandik, adibidez, bertsoa azken esalditik hasi eta beste guztia horren arabera eraikitzea abiapuntu ona da", dio Vellingak. Bertsolarien laguntza bereziki eskertu dute doinuen alorrean, melodia egokiak zein diren erakutsi baitiete. Frisian abesti tradizional gutxi gorde direnez, gehienbat pop estiloko abesti ezagunak erabiltzen dituzte doinu berriak sortzeko. Elvis Presleyren musikak arrakasta handia omen du bartelje n hasi direnen artean. Musika tresnen laguntzarik gabe, a cappella , abesteko araua ere guztiz zehaztua dute. "Gitarrak, danborrak eta abar sartzea planteatu genuen, itxura oso zaharkitua ez emateko, gazte jendeari begira", oroitu du Kingmak. "Baina ezetz erabaki genuen, bestela pop musika egitetik hurbilegi egongo ginateke eta hortik bereizi nahi dugu, bartelje beste gauza bat da". Gizartean eragin Hizkuntzarekin jolastuz ondo pasatzeko eta umorea egiteko bide aproposa da ahozko inprobisazioa eta bartelje ren bultzatzaileek badakite hori jendea erakartzeko tresna eraginkorra izan daitekeela. Nolanahi ere, gai serioak lantzeko gogoa ere azaldu dute, BECeko finalean ikusi baitzuten bertsolariek gizartearen kezkei lotutako diskurtsoa darabiltela eta horri esker, alderdi ludikoaz gain, bertsoak alderdi soziala ere baduela. "Poetekin egin genuen aurreneko saio hartan ikusi genuen haietako asko oholtzara igotzen zirela umoregileak balira bezala, 'ea goazen denok barre eta algara egitera!' esanaz", azaldu digu Kingmak. "Umorea egitea ondo dago, noski, baina saihestu behar dugu inprobisatzailea pailazo huts izatea, seriotasuna eskatu genien". "Euskal bertsolaritzaren antzeko izaera nahi dugu bartelje n, alegia, gizarteko gai sakonei buruz hitz egitea, debatea sortzea", gaineratu du zinema zuzendariak. "Hemen baditugu zenbait gai sozial: Etorkinak, ingurumena zaintzea... espero dut bartelje k lagunduko digula geure nortasuna garatzen eta kontzientzia zabaltzen. Tabuak apurtzera helduko bagina, bertsolariek egiten duten bezala, gauza handia litzateke". Frisiera testuinguru pribatutik publikora egiten ari den jauzian eragile izatea ere bada bartelje bultzatu dutenen asmoa. "Frisiera ez dugu publikoan gehiegi erabiltzen, adibidez bulegoetan edo tramite ofizialak egiterakoan", kontatu digu Vellingak. Harrituta geratu omen zen Euskal Herriko eraikin publikoetan euskarazko oharrak arruntak zirela ikusita. Hizkuntza indartsuagoen presioa etengabea izanagatik, kontzientzia pixkanaka piztuz doa herritarren artean. Mirjam Vellingaren arabera, "Euskal Herrian bezala, Frisian leku batzuetan indartsu dago hizkuntza eta beste batzuetan, ez horrenbeste. Gero eta jende gehiagok onartzen ditu eleaniztasunaren onurak, eta seme-alabak frisieraz hezten saiatzen dira". Nederlanderaz soilik bizi direnak erakartzea, ordea, ezinezkotzat dute, salbuespenak salbuespen. " Bartelje k hori lortzea polita litzateke, baina oraingoz ametsa baino ez da –dio Bart Kingmak–, nederlanderaz baino ez dakitenek ez daukate jarrera oldarkorrik frisierarekin, baina interesik ere ez dute gure hizkuntzan". Mundu zabaleko hainbat txokotan, galtzear diren ahozko inprobisazio tradizionalei eustea eta haiek berrindartzea da erronka, eta ez nolanahikoa. Frisiarrek kontrako bidea hartu dute, hau da, hutsetik beren inprobisazio moldea sortu eta gizarteratzea. Bertsolaritza bidelagun badute ere, Kingmak eta Vellingak badakite ez dela erraza izango. "Guk ez daukagu 300 urteko tradiziorik, gainera bertsolaritzak pilo bat arau ditu eta guk geureak zehaztu eta idatziz jarri beharko ditugu, bestela ezin izango dugu bartelje gizartean hedatu". Aurreneko pausoa egitea izaten da zailena eta hori, behintzat, egina dute.
news
argia-dfe283c08a80
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/azken-bainua.html
Azken bainua
Bea Salaberri
2018-09-09 00:00:00
Azken bainua Azken bainua hartu genuen Kantaurin. Ez diogu sekulan gure buruari aitortzen azkena dela, ongi dakigun arren; egun luze eta goxoak izanen direla oraino, uda ez dela bukatu, udazken hasieran ere itzultzen ahalko garela uretan murgiltzera, halaxe diogu; alta, badakigu azkena dela, gero lanak, sartzeak, kezkek, haurren gorabeherek irentsiko gaituztela. Orduan, azken hori besteak bezalakoa, besteen arteko bainua baizik ez da kasik. Alabaina, ongi pasa genuen aste zenbaitez, argi da. Euskal Herrian, bai, baina nehongo hondartzetan, nehongoak izatearen grazia duten kostaldeko herri zenbaitetan. Horrela, nonahi, nornahi izateko luxuaz gozatu dugu, aitor dezagun. Erraten dut nornahi, erran nezakeen bezala munduko hiritar, ororen buru nonbaitekoa izateak arrangurak baizik ez baitakartza, mundutartasunean dena ongi balioa bezala. Azken finean, borrokatzen dugun hori bera dastatzea, bekatu mortala bezain atsegina zen. Goxoa zen. Bai, zinez, preziagarria, bake hori, utzikeria hori, futismo puntua ondokoaz, biharamunean eginen denaz, loeria gaitz hori. Hori dateke munduko hiritar izatea, ez euskal herritar hots. Dirua badeino gastatzea, norberaren xilkoaren periferiatik hara dena beti urrunago haizatzea, gertakariei begirada alfertua luzatzea. Denek bezala, betaurreko beltzak goizetik arrats soinean, gertakariei behatu genien smartphonetako pantailetatik, bide beretik, parekoarekin baino sareetan direnekin partekatuz gurea. Ukoa erraza da azken finean, samurra, eztia. Ez diot deus apokaliptikorik kausitu.   Distantzia horretatik, guziak du kolore ezberdina, dena da ezdeus. Benallaren sekretuek kuriositatea piztu ziguten telesail mindulinek bezainbat, Macronek Frantzia futbol txapeldun izateaz hiru egunez baizik ez gozatzeak irri zinikoa eragin zigun, pobreziaren kontrako plana berantagoko uzteak doi-doia nardatu gintuen, elkartasun delitua sortu duen Estatuak Europako beste lurraldeei iheslariak errezibitzea eskatzea ez zitzaigun hain txokantea iruditu. Sentsov heriotz seguruaren atariko zonbia izateaz ez genuen ia deus jakin. Doi-doia jabetu gara Iparraldean ahots zenbaitzuk, anonimoak nahiz asumituak, altxatzen hasi direla proiektu abertzalearen gabezien salatzeko, urteetan goaitatzen den eta noizbait heltzekoa den diskurtsoaren beha egoteaz asperturik ala Euskal Elkargoa ametsetako lukainka baizik ez dela oharturik. Hain zuzen ere, zaila da alderdi abertzaleen faltan biharamunak diseinatzea, udako dorpetik dudak ukan ditzakegu hauen kapazitateaz, hauen legitimitateaz urteetako bide bihurritik landa: gaurko egunean ez da aski –gustu txarrekoa agian– lau haizetara espantatzea Iparraldeak ekarpen eta aitzinamendu gaitzak egin dituela, egiak begiak hertzen dituelarik. Dena den, gaur euskal gaiaren monopolioa Etxegaraik du, zertarako higatu? Ur gazitan trenpan nintzela, berriro egunerokora itzuli beharraz oroitu nintzen, gogoeta eta ekintzatan zinpurtu beharko zela beste ikasturte batez, hiruzpalau asteko axolagabekeriaren ordaina zela. Edo alderantziz, beharbada? Tupustean, itsasoari bizkarra ematen niola, uhin erraldoiak bereganatu ninduen. Amaren sabelaren zorion amniotikoa eskaintzea baino hezaldiaren moldean, zafraldi batean eraman ninduen, itzulipurdika, itsas zolaren kontra lehertu, zangoz gora inarrosi eta behar bezala mustupilkatu ondoan, bota ninduen ur gehira. Eta hor utzi ninduen, munduaren itzulia baino, bere buruaren itzulia egin duen bidaiari zimurdikatuaren moldean.
news
argia-e6248c1dfb37
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/txosna-arteko-errimak.html
Txosna arteko errimak
Dabi Piedra
2018-09-09 00:00:00
Txosna arteko errimak Bilboko Aste Nagusian (abuztuaren 21ean), Mamiki konpartsan eginiko bertso saio feministaren kronika. Bertsolariak: Iratxe Ibarra, Oihane Perea eta Jone Uria. Bertsozaleak izaten du non aukeratu Bilboko Aste Nagusian, Santiago plazan egunero-egunero antolatzen diren ohiturazko saioak eta konpartsek han-hemen egiten dituztenak aintzat hartuz gero. Oholtza gainera agertzen direnen artean oreka bilatzeko, Mamiki konpartsak hiru emakume eraman zituen jaietako astearteko saio feministara: Iratxe Ibarra, Oihane Perea eta Jone Uria. Arratsaldeko eguzkia indartsu, beste txosnetako musika urrunean entzungai, jaizaleen joan-etorriak... bertsotarako giro ezohikoan saio polita ateratzeko gai izan ziren hirurak, Izar Mendiguren gai jartzailearen esanetara. Festaren alde onak eta txarrak maiz aipatu zituzten bertsolariek, gaiek horretarako bidea ireki baitzuten. Binaka, Iratxe Ibarrak Aste Nagusiaren alde egin zuen eta Jone Uriak kexatzeko arrazoiak eman zituen. Hurrengo ariketan, Ibarra zegoen zalantzati, parranda egin ala ez, eta Uria aingerutxoa eta Perea deabrutxoa zituen buruan jiraka. "Izan nahi baduzu, behar den moduko ama/ ez zaitezela hurbildu Oihanerengana" , bota zion Uriak. Deabrutxoak, ordea, persuasio gaitasuna erakutsi zuen: "Badakizu infernuan, txosna asko daudela" biribildu zuen bertsoetako bat. Truke polita eskaini zuten ariketa horretan, publikoaren pozerako. Koplaka aritzeko, jaietan saltzen dituzten sobre sorpresa horietako bana eman zien gai-jartzaileak bertsolariei. Plastikozko pistola egokitu zitzaion Ibarrari, betaurreko more handiak Pereari eta ileorde koloretsua Uriari. Betaurreko moreek eman zezaketen zeresana saio feminista batean, baina pistolari etekin handiagoa atera zioten. Zorriak garbitzeko ur pistola etorri zitzaion burura Pereari eta Uriak, aldiz, boladun pistola zelakoan, zera bota zuen: "Pilotaria dugu Iratxe ta kontuz/ baietz bidali bolak urrunago eskuz". Umorea eta adar jotzea nagusi izan ziren saioan, testuinguruak hala aginduta, baina seriotasunerako tartea hartu zuen Uriak, bakarka, bost urteko umea aldean hartuta festarik festa kaleko saltzaile dabilen andre etorkinaren azaletik. Aldarrikapen ukitua, berriz, Ibarraren zigilu eta guzti etorri zen. Aste Nagusiaren 40. urteurrenaren harira, Marijaiaren paperean, jai eredu herrikoia defendatu zuen: "Beste 40 urte nahi dodaz, holan jarraitzeko/ gura dodana esateko ta, nahi dodana egiteko". Mamikik antolatutako saioa feminista izan zen, baina ez feminismoari buruzkoa. Feminista baita, berez, emakumeek oholtza hartzea, askotariko gaiak lantzeko, orain umoretsu, orain aldarrikatzaile. Hala ere, zoritxarrez, Ibarrak azken agurrean egindako eskaria gogorarazi beharra dago oraindik ere: "Guk dakigun bezala, egin dagigun jai/ kalea gurea da, ta gaua ere bai".
news
argia-222e906a9cef
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/gorputzen-jabetza.html
Gorputzen jabetza...
Nora Barroso
2018-09-09 00:00:00
Gorputzen jabetza... Gorputzen jabetza. Aukera bakarra dela sinetsi eta errepikatzen dugun bitartean, hor hasi eta bukatuko da pertsona eta kolektibo moduan, merkatuen zein estatuen kontrol nagusia. Eremu horretan, gauza asko gertatzen dira, besteren artean, generoaren/sexualitatearen/sexuaren menderatzea, sistematizazioa, sentimenduen pribatizazioa, bizitzen estandarizazioa…     Iruditzen zait jabetzaren sentsazioaren mesedetan zentzumen gehienak nagusiki amatatuak ditugula, eta bertan jardun dira nagusiki gure arteko erlazio hertsiak, baita inguruarekin sortutako bestelako eraikuntza gehienak ere. Jabetzaren desioak gorputzetan ditu bere errorik bortitzenak. Bestearen edo batzuen jabe izateak (lagunak, ondorengoak, maitaleak, herritarrak...) boterea eta erabilpena dakar, boterearen bazka bihurtuz eta bere mantentzea elikatuz. Gorputzekin batera ekintzak, sentimenduak eta inguruak (lurraldeak, bizitokiak, espazioak...) daude, eta horiek ere sartzen dira ukan aditzaren zakuan. Merkatuek, estatuek... homogeneizazioa beren boterearen eta kontrolaren mesedetan erabiltzen dute, minbizi baten antzera zabalduz. Sinplifikazio masibo eta bortitz horrek banatu egiten gaitu Merkatuek, estatuek... homogeneizazioa beren boterearen eta kontrolaren mesedetan erabiltzen dute, minbizi baten antzera zabalduz. Sinplifikazio masibo eta bortitz horrek banatu egiten gaitu, ez gaitu elkartzen uzten, kristalezko kutxatan sartuta, sortutako kategoria itxitik kanpo dagoenaren beldur. Baina gorputzak zein lurraldeak beren artean ez dira berdinak; aniztasunean bizi den horrexetan dago bizitzaren jarioa. Konplexutasunak, etengabe kanpoan uzten gaituen horren aurrean, ikuspegi holistikoa erakusten digu. Agian, fikziozko muga horiek etengabe zeharkatuko bagenitu, aurreiritzi eraikia baino benetan zer gertatzen den biziko genuke. Modu horizontalago batean erlazionatzeko egunerokotasunak ematen dizkigun espazioak erabili ditzakegu, edo horiei ateak irekitzeko eremu berriak sortu, pribatua dena kolektibo bilakatuz. Gune horietan ideiak, ametsak, jakintzak, gogoetak zabaldu ditzakegu, alaitasunak eta sufrimenduak partekatu, momentuan daukagun botereari uko egin eta gogoeta/ekintza/sentimenduak konpartitu etengabeko eraikuntzak eta deseraikuntzak bizitzeko. Izan ere, gorputza/pentsamendua/ekintzak norberarenak al dira bakarrik ala, bakoitzaren iragazkitik pasa ondoren ez ote zara, modu batean edo bestean, zugan eragina izan duenaren nahasketa? Horrenbestez, merkatuei eta estatuei utziko al diegu bizitzen gidari izaten? Erlazionatzeko moduaren arabera eraikitzen dugu gure ingurua. Gorputzen jabetzan oinarrituz gero, gure ingurua jabetzaren mundua izango da. Adi, zentzumenak zorroztu, gurean dago katebegi eraldatzaileetako bat eta.
news
argia-599b9206e01e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/lan-prekarietatea-hiltzailea.html
Lan prekarietatea, hiltzailea
Juan Mari Arregi
2018-09-09 00:00:00
Lan prekarietatea, hiltzailea Ez da normala uda betean, pasa den abuztuan, Hego Euskal Herrian lan "istripuz" zazpi pertsona hiltzea: arrantzale bat, bi kamioilari, eraikuntzako langile bat, beste bat traktoreak harrapatuta, kargarako plataforma batek zapaldutako Michelingo langilea eta Correos-ekoa. Laneko errealitate hiltzaileak hor jarraitzen du. Zergatik gertatu dira heriotza horiek? Prekarietateak laneko ezbeharren kopurua eta osasuneko kalteen areagotzea ekarri ditu, baina egia da ezin zaiola erru guztia horri bota. Enpresek segurtasun eta osasun arauak hausteak ere badu zerikusirik beharginek euren lanpostuetan jasaten duten egoerarekin, eta langileek eta enpresa batzordeek ere badute ardurarik, askotan ez dutelako exigitzen behar den tokian laneko segurtasun neurriak bete daitezela. Edozein modutan, behin-behinekotasunak, azpikontratazioak, aparte sartzen diren orduek, hots uda garaian areagotzen den lan prekarietateak, hiltzen du. Eta ikusi dugunez, abuztuan gertaturikoak hori baieztatu baino ez du egin. Hori guztia egungo sistema neoliberalak –hau da, kapitalistak, hizkera modernoago batez esanda– sustaturiko politika ekonomiko-laboralaren parte da. Sistema hori jaun eta jabe da Europako gizartean, baita Euskal Herriko lurraldeetan eta Iruñea eta Gasteizko gobernuetan ere; herritarroi eragiten digu, iparreko zein hegoko izan. Sozialagoa, justuagoa eta humanoagoa den beste sistema bat ezartzeak lan munduko egoera hobetzea ekarri beharko luke ezinbestean. Badugu erantzukizun pertsonal bat hori lortzeko bidean, eta gizartea eraldatzea bilatzen duten politikari guztiek ere bai.
news
argia-fcba5a259f95
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/landareak-lantzen-2019.html
Landareen notak idazteko pentagrama
Itsaso Zubiria Etxeberria
2018-09-09 00:00:00
Landareen notak idazteko pentagrama Ilargialdi baten bueltan itzultzeko asmoa nuen, baina zazpi eguneko atzerapenarekin eta amandreak hurrengo buelta hasita duela natorkizu orri honetara. Opor osteko itzulera gogorra izaten omen da –oporrik izan duenarentzat, bederen–, baina jai-egunak gustura hartzen ditudan bezala, ni bueltan gustura moldatzen naiz berriz ere errutinara. Eta zer hoberik martxa hartzeko agenda bat baino? Hamaika arrazoiri lotutako agendak aurkituko ditugu saltokietan, baina ezagutzen al duzu landareena? Iragan urtean argitaratu zuen ARGIAk lehen aldiz landareei eta ilargiari lotutako agenda; hil bakoitzean zer eta nola landu, erein, aldatu, ilargiaren gora-beherak nola ulertu... Jakoba Errekondoren jakintza Antton Olariagak ilustratuta. Tresnak eta lanabesak protagonista Bi argitaraldi egitera heldu zen iragan urteko agenda Durangoko Azokan arrakasta izanda, eta balorazio positiboa eginda, estilo beretik jarraitzeko apustua egin da bigarren urte honetarako. Aurrekoak baratzearen munduari modu orokorrean begiratu dion bezala, oraingoak ere ez dio muzin egingo ikuspegi oso horri, baina izango du berezitasun bat. Dagoeneko inprentatik aterata izango den liburuxkak lurrari eta landareei lotutako lanabesetan jarri du fokua; garai batekoak bezala gaur egun oso erabiliak direnak, irudiz lagunduta, izen-bilduma tokian tokiko sinonimoak azalduz, zertarako erabiltzen diren... Beraz, agendan izango dugu tartea gu lana egiten goazen heinean apuntatzen joateko, baina eskaintzen digu, baita ere, informazio garrantzitsua egin nahi ditugun lan horiek modu eta garai egokian egiteko. Hil hasiera bakoitzak bere sarrera izango du, eta bertan azalduko dira hilabete horretan egitea komeni diren lanak. Hementxe eskuratu daiteke agenda (ARGIAren Azokan) 12 euroan. Baita liburu-dendatan, baratzeari eta baserriari lotutako denda eta sindikatutan, Durangoko Azokan edo Jakoba Errekondoren herriz herriko hitzaldietan ere.
news
argia-5b93a05baf6d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/muga-gorputzean-dago-orain.html
Biometria eta kontrola Europar Batasunean
La Directa
2018-09-09 00:00:00
Biometria eta kontrola Europar Batasunean Hatz-marken, aurpegieraren, informazio genetikoaren eta datu pertsonalen kontrol integraturako sistema sortzeko asmoa daukate EBko agintariek. Errefuxiatu eta etorkinentzat pentsatuta badago ere, Europako herritar guztiak har litzake sistema horrek. Zeure gorputza zeure pasaporte bihurtzen duen guztia da biometria. Edo, 2016an onartutako Datuen Babeserako Europako Araudi Orokorraren definizioaren arabera, identifikazio bakar eta fidagarri bat lortzeko pertsona baten ezaugarri fisiko, fisiologiko nahiz jokamoldeari buruzkoak prozesatzetik sortutako datu pertsonalek osatzen dute informazio biometrikoa. Munduan zehar gehien erabiltzen diren ezaugarriak –eta Europako erakunde publikoek gehien erabiltzen dituztenak– hatz-markak, aurpegien errekonozimendua eta DNA dira. Beste sistema batzuek eskuen forma, behatzetako eta eskumuturretako zainak edo pertsonen jokamolde-eredua aztertzen dituzte; beste batzuek ahotsa, irisa edo erretina, idazkera edota gorputzaren usainaren konposaketa kimikoa hartzen dituzte oinarritzat. 2013tik aurrera, errefuxiatuen eta asilo-eskatzaileen kopurua igo dela eta, biometria funtsezko elementua izan da 'Europa gotorlekua' hedatzeko Herrialde edo kontinente batean sartzen diren pertsonen nortasuna modurik fidagarrienean egiaztatzeko sistema biometrikoak erabiltzeko joera mundu osora zabaldu da 2001eko irailaren 11z geroztik. Aireportuak eta mugak azpiegitura kritikoak bihurtu dira eta "mehatxu okerrenen" sarbidea dira diskurtso ofizialaren arabera, beraz, baita imajinario kolektiboan ere. Egungo migrazio-krisiaren ondorioz eta bereziki 2013tik aurrera –errefuxiatuen eta asilo-eskatzaileen kopuruaren igoera dela eta– biometria funtsezko elementua izan da Europa gotorlekua gisa ezagutzen duguna hedatzeko garaian, eta lehentasun teknologiko, ekonomiko eta legislatiboa bihurtu da, bai EBko herrialdeetan bai nazioartean. Gobernu, enpresa eta are GKEak ere Europan sartzen, handik irteten edo Europa barruan ibiltzen diren pertsona guztien gorputz-ezaugarrietan oinarritutako ahalik informazio gehiena eskuratzeko bitarteko teknikoak hedatzen ari dira sistematikoki, zaintza- eta segurtasun-kontuetarako nagusiki. Horretantxe datza kontrol biometrikoa, hain zuzen ere. EBk 2020an 218 milioi etorkin eta asilo-eskatzaileren informazio biometrikoa jasoko duela kalkulatzen da, eta kopuru horren barruan beste kontinente batzuetatik etorritako bidaiarien datuak daude, EBko bostehun milioi herritarrei buruzko geroz eta informazio gehiagorekin batera. Arrazari eta generoari lotutako aurreiritziak Datu biografikoek ez bezala, datu biometrikoek jendea arrazaren eta generoaren arabera sailkatzea zailtzen dutela aldarrikatzen badute ere, datuok eskuratzeko garaian aurreiritziek eragina izan dezakete. Teknologia biometrikoari buruzko ikerketek erakusten dutenez, sistema hauen errore-portzentaia batere txikia ez izateaz gain, indartu egiten dute etnia, arraza, genero eta klase sozialari lotutako berdintasun eza. "Sistema biometrikoak Mendebaldean diseinatzen dira, gizon zuriek nagusiki. Ez dute modu berean funtzionatzen pertsona guztiekin eta akats gehiago egin ohi dituzte pertsona arrazializatuak identifikatzeko garaian, esate baterako", dio Chris Jones Statewatch-eko eta European Digital Rights-eko ikerlari eta aktibistak. Informazio horiek okerreko eskuetan bukatuz gero, oinarrizko eskubideen aurkako tresna arriskutsu bihur daitezke datu-baseak Bestalde, zenbait ikerlanek adierazten dutenez –Nichole A. Fournier-ek eta Ann H. Ross-ek 2015ean American Journal of Physical Anthropology aldizkarian argitaratutakoak, adibidez–, hatz-marken bidez pertsonen sexua eta jatorri geografikoa jakitea dago, eta datuak jasotzeko egun garatzen ari diren beste teknika berri batzuek ere datuok jakiteko aukera emango omen dute. Generoari dagokionez, nortasuna egiaztatzeko eta hura zehazteko obsesioak (aireportuetan gehienbat) gorputz, jokamolde eta nortasun jakin batzuen normalizazio behartua indartzen du, trans aktibistek, bereziki AEBetan, behin eta berriro salatu duten moduan. Bumeran-efektua Europako herritarrentzat Nahiz eta kontrol biometrikorako aplikazio nagusiak batez ere Europaz kanpoko etorkinei eta pertsona arrazializatuei zuzenduta egon, sarbide interoperagarria hedatzeko planak daude, Prüm sistemaren bidez dagoeneko europar herritarren informazio biografiko eta biometrikoa daukaten EBko datu-baseak ere erabili ahal izateko. Ibilgailuen matrikulak, DNA, hatz-markak eta bidaiarien erregistroko (PNR) datuak jasotzen ditu Prüm sistemak. Transnational Institute-k salatzen duenez, PNRk "susmopean jartzen ditu hegaldi bateko bidaiari guztiak, automatikoki eta aurretik inolako arrazoirik egon gabe". Era berean, zaila da ez ikaratzea sistema interoperagarri horiek jasoko dituzten datuen dimentsioarekin eta edukiarekin eta, bereziki, emango zaien erabilerarekin. Ildo horretan, Datuak Babesteko Ikuskatzaile Europarrak ohartarazten duenez, "informazio horiek okerreko eskuetan bukatuz gero, oinarrizko eskubideen aurkako tresna arriskutsu bihur daitezke datu-baseak". "Eskuin muturrak 218 milioi pertsonaren datu biometrikoak eskuratu litzake" Chris Jones (Essex, 1985) Erresuma Batuko eta Europar Batasuneko politika publikoei, migrazioei, militarismoari eta segurtasunari buruzko ikerlaria da eta Statewatch-eko kidea 2010az geroztik. Irabazi asmorik gabeko erakunde horrek ikerketa kritikoa egiten du Europako barne-arazoen, eskubide eta askatasun zibilen, pribatutasunaren eta justiziaren inguruan. EBko segurtasun-konplexu industrialaren gorakada txostena argitaratu berri du. Zertan datza kontrol biometrikoa eta nola justifikatzen dute? Kontrol biometrikoaren bidez, pertsona baten ezaugarri ustez bakan bat neurtzen dute haren nortasuna egiaztatzeko, eta informazio hori datu-base batean gordetzen da edo adibide edo lagin batekin alderatzen da kointzidentziarik ba ote dagoen ikusteko. Ezaugarri biometrikoa izan daiteke hatz-marka bat, aurpegiaren irudi bat, esku-ahurraren aztarna bat, pertsona baten ibilera, zainen eredua... Astero-astero ezaugarri berriak agertzen ari dira. Eta halakoen erabilera asko hedatu da azken urteotan. Telefono mugikorrek eta ordenagailu eramangarriek, adibidez, segurtasun-sistema biometrikoak dauzkate eta enpresa eta erakunde militarrek ere halakoak erabiltzen dituzte beren bulego eta eraikinetako sartu-irtenak kontrolatzeko. Eskala handiko adibideak, datu-base handiak, ordea, gobernuek inplementatzen dituzte, egungoa bezalako testuinguru politikoan bereziki, terrorismoa eta migrazioa bezalako "mehatxuak" erabiltzen baitituzte kontrol biometrikoa are gehiago zabaltzeko aitzakia gisa. Noiz eta nola pasa ziren sistema biometrikoak migrazioa kontrolatzeko eta asiloa kudeatzeko tresna gisa erabiltzetik krimenaren eta terrorismoaren aurka borrokatzeko erabiltzera? Teknologia biometrikoak nola bihurtu dira segurtasun-auzi? Europako erakunde eta gobernuek urteak daramatzate sistema biometrikoak poliziarentzako informazio-iturri bihurtzeko ahaleginetan. Schengen eremuko bisak kudeatzen dituen datu-basearen kasuan –Visa Information System (VIS)–, 2008an erabaki zuten poliziak erabili ahal izatea, nahiz eta erabakia 2013 amaiera arte ez gauzatu. Asilo-eskubidea eskatzen dutenen hatz-markak gordetzen dituen Eurodac sistemaren kasuak zalaparta handiagoa piztu zuen, 2012an haren araudia aldatzea erabaki baitzuten, baldintza jakin batzuetan poliziak datu-base hori erabiltzeko aukera izan zezan, nahiz eta hasiera batean asilo-eskaerak kudeatzea izan haren xede bakarra. Datu-base horretan, gainera, etorkin "irregularren" datuak jaso nahi dituzte. Bi kasuetan ere, neurri horiek datuen babesari buruzko oinarrizko printzipio bat urratzen dute: informazioari ematen zaion erabilera mugatuaren printzipioa. Jatorrian zeukatenaz bestelako erabilera ahalbidetzen duen erreformaren aurretik zeuden datuok datu-base horietan eta ez ziren jaso orain eman nahi zaien xederako. Gainera, poliziak datuok eskuratu ahal izate horrek susmoa pizten du bisa- edo asilo-eskatzaileen inguruan, pertsona horiek delituak egiteko joera handiagoa daukatela iradokitzen baitu. Joera hori bazegoen lehendik ere, baina orain bizkortu egin da sistema berriak agertzearekin batera eta egungoak eta etorkizunean egongo diren sistema guztiak interkonektatzearen ondorioz. Europar Batzordeak dio beste herrialde batzuetako pertsonen kontrol biometrikoa funtsezkoa dela Europan terrorismoaren aurka borrokatzeko. Baina Europan egindako eraso asko eta asko EBko nazionalitatea daukaten pertsonek egin dituzte. Zer diozu hortaz? Tira, Europar Batzordeak ez du inoiz argudio bereziki sakonik aurkeztu bere ekimenak justifikatzeko. "Migrazio-fluxuen" eta terrorismoaren aurkako borrokaren kudeaketa modu guztiz arduragabe eta naturalizatuan nahastu du eta nahasten du. Ematen du Batzordeak halako lotura logiko bat ikusten duela migrazioaren eta terrorismoaren artean, edo hori da aurkeztu nahi duten irudia. Kontrol biometrikoa azken urteetan modako ikur bilakatzen ari da, atzean masiboki zelatatzeko sistema erraldoia eraikitzen ari diren bitartean. Irudia Visa txartelaren iragarki batena da. Aplikatuko diren sistema eta datu-base berriek (EES, ECRIS, ETIAS) zer-nolako eragina izango dute pertsona arrazializatuengan? Sistema horiek guztiak beste herrialde batzuetako pertsonekin erabiltzen dira oraingoz, eta, beraz, argi dago pertsona arrazializatu ugariren datuak jasotzen dituztela. Europaz kanpoko 218 milioi herritarren datuak jasota dauzkatela kalkulatzen da. ECRIS-TCN-ri dagokionez, herrialde bakoitzeko sistema judizialek arrazagatik dauzkaten aurreiritziak islatuko ditu ezinbestean. Etorkin irregularrek, atzerritarrek eta pertsona arrazializatuek "zuriek" baino aukera gehiago dauzkatenez zigortuak izateko edo aurrekariak edukitzeko, aukera gehiago dago, halaber, haien datuak nazioz gaindi eskuragarri egoteko, aipatutakoak bezalako sistemetan jasota egotearen ondorioz. Sartu Irteneko Sistemaren (EES, ingelesez) ezarpena da kezkagarriena seguruenik, maila nazionaleko kontrol-azpiegitura masibo baten mende egongo baita haren funtzionamendua. Inor EBn sartu eta baimendutakoa baino denbora gehiago geldituz gero, agintariak abisatuko ditu sistemak. Pertsona horiek ezin izango dituztenez automatikoki lokalizatu, errepide-kontrolak jarriko dituzte eta, dakigunez, arrazagatiko kategorizazioak egiteko joera handi samarra dauka poliziak. Horrenbestez, arrisku handia dago sistema berri horrek egungo joera areago indartzeko. "Arrisku handienetako bat da pentsatzea gobernuek eta estatu-erakundeek erantzukizunez jokatzen dutela eta jokatuko dutela beti eta, dena ongi aterako dela" Eta aktibista politikoei dagokienez? Argi dago datu-base horiek erabilgarriak izango direla, nola edo hala, aktibisten edo politikoki "maltzurtzat" jotako pertsonen aurka. Nolanahi ere, SIS izeneko datu-base poliziala da sistemarik garrantzitsuena zentzu horretan. Sistema zabaltzen ari dira, datu gehiago jasotzeko, DNA esate baterako. SISen bidez zaintza-alertak sor daitezke, talde terroristetan sartzen diren pertsonei buruz adibidez, baina aktibista politikoen joan-etorriak zaintzeko eta kontrolatzeko ere erabili izan dira. Zer gerta daiteke datu-base biometriko horietan jasotako informazioa okerreko eskuetan eroriz gero, Europan gero eta indartsuago dagoen eskuin muturraren eskuetan, adibidez? Europako datu-baseak elkarren artean konektatzea eta datu biometrikoen erregistro bakar bat sortzea oso helburu tentagarria izan daiteke hackerrentzat. Beste kasu batzuetan ikusi dugun moduan, xantaia masiboa egiteko aukera egon liteke, oso datu pribatuekin. Eskuin muturra boterera iritsiz gero, datu horiek guztiak –bisa- eta asilo-eskatzaileenak barne– eskueran izango dituzte automatikoki. Interoperabilitatearen esperimentu honek dakarren arrisku handienetako bat da pentsatzea gobernuek eta estatu-erakundeek erantzukizunez jokatzen dutela eta jokatuko dutela beti eta, datuak modu okerrean erabiliz gero, kalte-ordainak egongo direla eta dena ondo aterako dela. Europako historiak erakusten digunez, gerta daiteke gauzak ez izatea horrela eta pertsonen erregistroak xede arriskutsuetarako erabiliak izatea, gobernu arrazista ankerrek boterea eskuratuz gero. Interoperabilitatea zenbateraino da Europako herritar guztien eskubideen aurkako mehatxua? Europar Batzordeak esaten du, SIS sistema kenduta, datu-bilketa eta interkonexioa «beste herrialde» batzuetako herritarrei zuzentzen zaiela bakarrik. Dena den, iraingarria da esatea ez dugula zertan kezkatu, beste pertsona batzuen eskubideak kaltetuko dituzten sistemak direla eta. Kontu hori gorabehera, baina, dagoeneko Europako herritarrei buruzko informazio asko daukaten base eta datu-sistema gehiago konektatzeko asmoa daukate, hala nola Prüm sistema (DNA, hatz-marka eta ibilgailuen matrikulen erregistro partekatua) eta PNR delakoa (Europatik doazen, Europara datozen nahi Europa barruko hegaldietako bidaiarien erregistroak). Dagoeneko hasiak dira sistema horiek lotzen. Mehatxuak hainbat eratakoak dira. Datuok oso erakargarriak zaizkie hackerrei eta beste gobernu eta botere batzuei, edo datu-base desberdinetatik datu okerrak jaso daitezke eta oso zaila da haiek zuzentzea. Dena den, mehatxurik handiena da zaintza masiboko sistema baten sorrerak ezin duela bateragarria izan ustez gizabanakoen eskubide eta askatasunetan oinarritzen diren gizarteekin.
news
argia-6a8ffba4d18e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/beatus.html
Beatus
Itxaro Borda
2018-09-09 00:00:00
Beatus Irriñoa ezpainetara datorkit gure udako komentarista zenbaiten lumatik Iparralde honetan, barkatu Lapurdi-Nafarroa Beherea-Zuberoako lurraldeon, azken urteotan gertatzen den bilakaera instituzional ekumenikoa jorratzen dutelarik: J. R . Etxegarai presidenteak eramaten duen Euskal Elkargoa, independentziara berehala heltzen ikusten dukete. Beste aldetik, abertzaleek zentro-eskuineko buruzagien ontziaz baliatzea irudikatzen dute, beraien helburuak lortzeko bide politikoa erabiliz, orain ETA erakunde ohiak, inplosatu eta armak entregatuak dituela. Euskal nazioari ez zaio alabaina bere ametsa kendu behar: zer litzateke Üskal Herria adrenalinarik gabe? Beatus moduan gaude beraz Euskal Elkargoak zer egingo duen begira. Egia da antolakuntza horren buruzagiek euskaldunak, baina gehiago naski abertzaleak, piztiak bailiran, ileak nora eskuak hara ferekatzeko ohitura berria dutela. Boterean geratzeko, hauen premia daukate. Burkideek ere boterea dute desiratzen, nahiz eta gaurkoan, Euskal Herria izeneko puzzlearen pieza bat soilik duten mugiarazten. Xedea orokorragoa da, datorren mendekoa berdin, beti balizko etorkizunekoa, euskal errepublikarena hots.      Parioak libro: baietz Eguberrirako Iparraldea aske?
news
argia-80477a26bc56
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/inaki-irazu.html
"Gertatzen denak hitz egin behar du, eta ez lengoaiak"
Kepa Matxain
2018-09-09 00:00:00
"Gertatzen denak hitz egin behar du, eta ez lengoaiak" Parajeotan Bartlebyrik izatekotan, Iñaki Irazu da hori. Beti letra artean, baina beti itzaletik. Zer edo zer atera izan du literatur aldizkarietan, bereak dira Jabier Muguruzaren kanta askoren hitzak, baina aurten, 64 urterekin, argitaratu du estreinako poema liburua: Errukiaren saria (Erein). Horren aitzakian hizketan hasita, hizkuntz erregistroei buruzko aferetaraino eraman gaitu solasak, eta ez diogu guk frenurik jarri. Liburuaz hasi aurretik, zutaz galdetu behar dizut. Plazara ateratzeko presarik ez, baina behin aterata, betetasun sentsazio batekin gelditu omen zara. Hala da. Nire kasuan hau izan da momentua. Lanetik erretiratzean sentitu nuen paperak ordenatzeko beharra, gainetik kendu nahi nituen asko, eta sailkatzen hasi nintzen. Cioranek zioen artistak zerbait egitean beti duela segurtasun falta bat, lausengu behar bat, besteen iritziari begira jartzen duena. Nire izaeragatik –neurotiko samarra izan– poemak errepasatzen nituen etengabe: idazten duzu bat, uzten duzu beratzen, handik pixka batera irakurri eta aplikatzen diozu adimena, arrazoia. Aldatzen hasten zara. Azkenean, konturatzen zara ondo zegoela hasieratik... Horrela ibili naiz. Gainera, sortze prozesua beti bake batetik dator. Eta hori da denbora librea izatea, osasuna –bai psikologikoa bai fisikoa–, aldartea... Adinak ematen duen zentzuarekin eta lengoaiaren jabetzarekin eginak daude poemok. Minetik ezin al da sortu? Ez ditut mina eta bakea kontrajarrita ikusten. Hitza beti zauri batetik ateratzen da. Grazia egoera batean banago, beharbada trikitixa entzungo dut, dantza egin eta sagardoa edan. Osasunetik eta betetasunetik ez da deus sortzen. Begira kanta tradizionalak: Pello Joxepe, Maitia non zira, Brodatzen ari nintzen ... hitz horiek denak zauritik jaiotzen dira. Bakeak ez du esan nahi norberak bere zauriak ez dituenik. Baina zauriak jaten banau, ezin badiot aurre egin, ezingo naiz adierazi. Zauriak mendean hartzen duenak ez du ezer sortzen. Nire anaiari –Joseba Irazuz ari da, alegia, Bernardo Atxagaz– gertatu izan zaio: liburu bat idazten ari zela, familian arazo bat suertatu, eta ia astebetez zurian gelditu. Zerbait adierazi nahi baduzu, munduak bakean utzi behar zaitu. Anaia aipatu duzu. Hura oso gaztetatik ibili da literatur munduan, Garziarena, Zurgai, Erlea ... Non zinen zu bitartean? Hor egon naiz... Gertatzen da nire lanak, betebeharrak eta martxa nituela. Neure burua justifikatzeko edo, beti esaten dut poesia ez dela nobela bat edo saiakera bat bezalakoa. Mendira joan eta egarri garelarik, aurkitzen dugu ezusteko iturri bat, ur xirripa bat. Xirripa horretan asetzen gara, plazer izugarria eragiten digu, eta horri esker segitzen dugu bidean. Bi elementu ditu xirripak, gainera: ura bera –asetzea–, eta hotsa. Irudi horrekin azaldu izan dut neure burua. Dena dela, badira 25 bat urte Jabier Muguruzarekin kolaboratzen ari naizela, eta atera izan ditut poema batzuk hainbat aldizkaritan ere – Garziarena, Zurgai, Erlea –, askotan anaiaren paseari erantzunez. Eman dit kantxa pixka bat. "Sortze prozesua beti bake batetik dator. Eta hori da denbora librea izatea, osasuna –bai psikologikoa bai fisikoa–, aldartea..." Hiru atal ditu Errukiaren saria -k. Arreta deitu dit, batez ere aurreneko atalean, nola sarri urrundu duzun fokua Ni-tik –poesian hain ohiko ahotsa dena– hirugarren pertsona batera. Ahots askok hitz egiten dute. Liburuari identitatea emateko, izenburu hau jarri diot: Errukiaren saria eta beste kronika batzuk . Kronika hitzak balio du lehen atalerako batez ere, baina zeharkatzen du liburu osoa. Kronikak istorioak dira, baina denek dute presentzia bat: kronika egileak bertan egon behar du. Batzuetan Ni-a izan daiteke hirugarren pertsona, eta besteetan hirugarren pertsona izan daiteke urruntzeko behar bat, kontatzen dena oso gogorra delako. Poesia ulertzeko modu honetan garrantzitsua zer den? Xehetasuna. Kronista sena duena xehetasunaren bila doa eta, gainera, xehetasunak eduki behar du esanahi bat. Kronika batek behar du haragi bat, bere burua ordaindu behar du, erran bakoitzak behar du mamia. Bide horretan, poema gehienetan agertzen da boz bat. Hitzak jaiotzen dira buruan, bihotzean edo sabelean. Hor agertzen diren bozak –poema jaioarazten duten haziak– erraietan jaiotzen dira. Gero gehitzen zaie beste guztia: ingurua, istorioa, lekua... Landare bat mendu dadin lurra, ura eta argia behar diren bezala.  Kronikak toki eta une jakin batean gertatua biltzen du, ordea. Testuinguruaren ezagutza eskatzen du. Ez al duzu arriskurik sentitu txokokerian erortzeko, zerbait ez-unibertsala egiteko? "Kronikalariaren baldintza da bertan egotea, baina ez oso barruan. Oso barruan bazaude, ez zara kronikalaria, beste zerbait baizik. Aldiz, kanpoan baldin bazaude, ez duzu bizi izaten eta ezin duzu kontatu" Bururatzen zait beharbada literaturan (eta artean) gaiak ez direla hainbeste. Bakardadea, heriotza, maitasuna... Ataka batean, pertsonaiak nola erantzuten dion beldurrari, nola bizi duen amodioa edo desamodioa... Egia da, kronika izan ala ez izan, arrisku hori beti dago, baina hori liburuaren problema litzateke. Bestalde, badira hitz batzuk kultura unibertsalean indar berezia dutenak. Adibidez, poema batean ageri da maleta. Grezian maletari metafora esaten diote. Oihartzun handiko hitza da, adierazten du bidaiak ze garrantzia duen pertsonaren bizitzan. Beste poema batean ageri da pertsona bat gosez, eta barruan dauka Zizare Handia... azkenean goseak hiltzen da. Guztiak ere, edonon topatzeko moduko egoerak. Edo agertzen da tortura, munduko edozein poliziaren eskuliburuan ageri den zerbait. Galdera polita da, halere: ea badagoen nire poesian unibertsaltasun horri heltzen dion sinbologia bat. Nik uste dut baietz. Zenbat sinbolo ditugu pertsonok geure burua ikusteko, ulertzeko? Irakurria dut nonbait ez direla hainbeste: bidea, arbola, zerua, hodeiak, iturria... bisualki harrapatzen ditugun lehen irudiak. Poemetako irudi asko, zuzenean ez bada zeharka, Euskal Gauzarekin lotuta daude: kartzela, erakundea, salataria, edota, nabarmenago, Yoyes en hilketaren eguna. Bai. Hiru geografia emozional biltzen dira liburuan, hiru sukalde diferente, bakoitza atal batean. Gatazkaren inguruko giro soziopolitiko hori lehenengoan dago batez ere. Ez dut esaten ni bigarren edo hirugarren geografian negoenean giro politikoa bestelakoa zenik, soilik ni beste geografia batean nengoela. Zergatik giro hori? Ba hori bizi izan nuenez, hori gogoratzen dudalako. Kronikalariaren baldintza da bertan egotea, baina ez oso barruan. Oso barruan bazaude, ez zara kronikalaria, beste zerbait baizik. Aldiz, kanpoan baldin bazaude, ez duzu bizi izaten eta ezin duzu kontatu. Horiez hitz egiten dut, bizi izan ditudalako, niretzat presentzia bat izan direlako. Presentzia oso sakonak? Ez, baina tira, adibidez nik Yoyes ezagutu nuen, bere lagunen laguna nintzen, noiz edo noiz agurtuko nuen alde zaharrean... Argazkia: Dani Blanco. Amaiera aldera nabarmenago ageri da Ni -a. Eta sarri da Ni bat edertasunaren bila dabilena, edo are, edertasunak ustekabean harrapaturik, hura kontenplatzen duena. Zubiondoko Gaztainatze -n edo Espaloian nindoalarik -en, kasurako. Kantetako poemak dira azken atalekoak, editoreak eskaturik sartuak. Asko maite ditut, beste kolore bat dute. Nahi nuke hurrengo batean geografia horretako gehiago sartzea. Gehitzen diote liburuari kaos elementu bat, eta gustatzen zait hori, liburuari definizio batean ezin heldu izatea. Kaosarekin lotuta daude poesia irakurtzeko bi elementu garrantzitsu: momentua eta modua. Poesiaren momentua eta bere modua ez da nobela batena, edo saiakera batena. Poema liburu bat ez da hasi eta buka irakurtzeko. Aldiko poema bat edo bi irakurtzea aski da, momentu horren itzala –baldin badu– jasotzeko, eta norbere buruarekin lotzeko.  Oro har, estilo lau samarrean idatzitako poemak dira, tonu narratibokoak. Irakurri dizut ez zaizula distira interesatzen. Zergatik? "Nire ahalegina gauzak kontatzea da. Horretarako hiru baldintza behar dira: kontatzeko zerbait izatea, kontatzen jakitea, eta kontatzeko gogoa izatea" Nire ahalegina gauzak kontatzea da. Horretarako hiru baldintza behar dira: kontatzeko zerbait izatea, kontatzen jakitea, eta kontatzeko gogoa izatea. Kontaera bera da garrantzitsua, esaten dena. Gertatzen denak hitz egin behar du, eta ez lengoaiak. Lengoaiak ez du protagonismorik behar, kontakizunaren otsein izan behar du, mugatu behar du gertatzen dena esatera. Metaforak eta bestelakoak erabiltzea? Tira, batzuetan bai. Kontakizunari batasun bat emateko, istorioak lapsus bat duenean eta zerbait ezin denean bestela esan. Irakurle modura, sarri aurkitzen al duzu poesian baloratzen duzun hori? Esango nuke baietz. Adibidez, orain irakurtzen ari naiz Jane Kenyon, eta tradizio horretan badago soiltasuna, apaltasuna, narrazioa. Gauzak kontatzen dituzte, alegia. Euskal literaturarekin, berriz, karramarroaren bidaia egiten ari naiz, atzerantz. Irakurri dut Xabier Lete, adibidez, eta tira, ez du oso tonu narratiboa, baina ez da abstraktua bere sentimenduez ari denean. Edo irakurri dut Pedro Mari Otaño bertsolaria. Edo Uztapideren liburuko bertso horiek, zaharrei buruzkoak, apalak dira, baina era berean indartsu kontatzen ditu gauzak. Orain, berriz, Gabriel Arestirekin nabil, baina hark Harri eta Herri -n tonu indartsu hori erabiltzen du... Sinestea kostatzen zaizu. Kontua da horretan gelditzen dela: tonifikantea da. Bere momentua betetzen du. Une batez, ezkor banago, animatu nahi badut, irakurtzen dut bere poema bat – Ni hilen naiz (...) / baina nire aitaren etxeak / iraunen du / zutik , eta abar– eta txute bat bezalakoa da. Liburu bakoitzak du bere momentua, zuk aukeratzen duzu noiz irakurri eta noiz ez. Nirean ez dago metaforarik, subjuntiborik –egin dezagun, joan daitezen, bihur dadin–. Hori beste momentu bat da. Otoitzarena. Eta momentu hori, otoitzarena, interesatu zaizu inoiz? "Behar dugu hizkuntza ekonomiko bat, kolpe silabikoak, indarrak eta keinuak bat egingo dutena" Bai, nik ere egin izan dut. Otoitza saihestezina da, eta bizigarria. Denoi jaiotzen zaigu une batean edo bestean. Norbere burua adoretzeko balio du. Kontua da zaila dela, ze ateratzen zait "Jauna" edo "zu" bat. Ni ez naiz sinestuna, ordea, eta berehala zalantza: norekin ari naiz? Idazle argentinar batek zioen otoitzak idazteko ez dela zertan sinestuna izan. Berak behar zuela dialogo hori. Besterik da horrek, sinesmenaren arabera, sor dakigukeen txundimena. Adibidez, orain ari naiz irakurtzen poeta hilberri bat, Patxi Ezkiagaren Jaunarekin supazterrean: Gandiaga oroituz . Otoitzak dira. Gandiaga ageri zelako erosi nuen. Eta bai, pilotan bezala, Gandiagaren hitz-buruek jartzen diote sakarria, baina gero Jaunarekin –maiuskulaz– interlokutatzen du. Tarteka heltzen zait, bidazti hitza erabiltzen duenean, esaterako. Gertatzen da fedeak ez duela lehortzen hitza, ez duela ateratzen poesian hitzek barrura heltzeko behar duten ikara arina, itzala, dar-dar hori. Nolanahi ere, irakurtzen ditut pare bat, pilula hartu, eta ezin hobeto lokartzen naiz. Idazterakoan sarri erabili dituzu estandarretik kanpoko formulak: Nik´e, Ne´ laguna, Bat´e, T´hala ... zer bilatu duzu horrekin? Ezin izan diot eutsi –barrez–. Ez da nahikeria hutsa, halere. Esan dut, bozak erraietan jaiotzen dira, eta erraietatik datorrenari ez diote balio akademiako arauek. Ahots hori kolpeka ateratzen da, elementu silabiko minimoarekin. Ezin dut keinu azkar bat sei silabatan adierazi. Silaba erdiak sobera gelditzen dira. Dramatikan, keinuak eta kolpe silabikoak bat etorri behar dute. Erregistro akademikoa ondo dago, filosofiako tesi batean hasi behar dut ezen-ak eta elementu erretorikoak erabiliz, denbora eman dezan diodana ulertzeko. Baina dramatikan behar dut abiada handiko zerbait, ateratzen dena borborka, kolpeka. Askotan, erregistro neutro horrek zapuztu egiten du dramatika. Gauza bera esateko silaba asko behar baditut, keinutik erauzi egiten dut. Esaten badut "ezin zuen gehio" esan ordez "ezin zuen gehiago", zerbaitegatik da. Gaztelaniaz esaten dugu " más ". Kolpe bakarra. Euskaraz silaba inflazio bat ikusten dut. Adierazkortasunaren aurka doan esaldiaren luzapen bat. Horri soluzio bat topatu nahian silabak mozten dituzu, eta, era berean, euskalkia agertzen da, ezinbestean. "Gehio" ez dute esango Ibarrangelun. Bai, hori hala da. Han nola esaten duten ez dakit, baina ziur ez dituztela hiru silaba erabiliko, esango dute "gehidxau" edo halako zerbait. Poema batean erritmoak agintzen du, hitza erritmoaren menpe dago –are, ez dago ezta egilearen menpe ere, musika batek eramaten du–. Behar dugu hizkuntza ekonomiko bat, kolpe silabikoak, indarrak eta keinuak bat egingo dutena. Eta hain da ebidentea egun hor desajuste bat dagoela... Ikusten dut dramatika falta bat pelikuletan, teatroetan... zirkulazio sozialean narrazio dramatizatua ez dago islatua. Non entzuten dugu izorrai ? Dena dela, gaiak ez nau berotzen. Editoreak "ne"ren ordez "nire" jartzeko esaten badit, ez naiz gerra ematen hasiko.
news
argia-8b13a4bed20b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/sexuak-jainkotutako-deabrua.html
Sexuak jainkotutako deabrua
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-09-09 00:00:00
Sexuak jainkotutako deabrua Mesopotamia, duela 4.000 urte. Sumeriar Inperioaren gainbeheraren ondoren, Asiriako erresuma indartzen hasi zen eta, horrekin batera, asiriar mitologiaren pertsonaia sorta zabala taxutzen. Ordukoak dira Nisroch deabru arriskutsua aipatzen duten idazkun zaharrenak. Jatorriz, Asiriako suaren eta argiaren jainko Nuskuren eta haren nagusi Ninurtaren zerbitzaria zen Nisroch. Gizakiren batek bi jainko horiek gogaitzen bazituen, Nisrochek eta haren emazte Kenelek sexuaren bidez ordainarazten zioten egindakoa: iraintzailearentzat ondorio latzak izango zituen sexu praktikak egitera bultzatzen zuten, nagusiki intzestua eta adulterioa. Intzestuak heriotza zigorra ekarri ohi zuen bi ibaien arteko inperioan eta, ohikoa denez, emakumeek ere adulterioa biziarekin ordaindu ohi zuten, eta gizonek, aldiz, nahikoa zuten isuna ordaintzearekin. Deabru bikoteak irudimen eta trebezia sexual harrigarria erabiltzen zuen gizaki hilkor gaixoak galbidera bultzatzeko. Batetik, jakina, horrek beldurra eragiten zien jainkoak mindu zituztenei. Baina, bestetik, deabruen dohainak inspirazio iturri preziatua ziren orgia eta festetan. Halakoetan geroz eta ohikoagoa zen Nisroch gurtzea eta haren laguntza erregutzea. Hala, denboraz, deabruaren ospeak gora egin zuen. Mesopotamiako panteoi jendetsuan horrelako eragin eta hierarkia gorabeherak ohikoak ziren. Nusku nagusiak, adibidez, garrantzia galdu zuen nabarmen eta, azkenean, Nisroch haren gainetik jarri zuten gizakiek. Horrenbestez, Babiloniar Inperioaren garaiko oholtxotan Nisroch ez da deabru gisa aipatzen, jainko gisa baizik. Eta Biblia hebrearrak dio Senakerib erregea "Nisrochen tenpluan" hil zutela, Kalhun. Egun, indusketei esker badakigu tenplu hura ez zela Nisrochena, Ninurta nekazaritzaren eta gerraren jainkoarena baizik. Baina hebrearrek biak nahastu izanak adierazten du deabru ohiak hartutako garrantzia. Ospeak izaera aldarazten die izaki hilezkorrei ere, eta Nisrochek kutsu sexual eta ludikoa galdu zuen pixkanaka. Sexua emankortasunarekin lotu eta jainkoen lorazain bihurtu zen jainkotutako deabrua. Eldarnio eta gehiegikeria sexualen protagonista izanak, erretiro lasaia izan zuen Marduk eta Ishtarren barazkiak zaintzen.
news
argia-fde96b162557
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/lourdes-herrasti.html
"Saharako deshobiratze prozesuari esker, hamaika militar marokoarren kontrako epaia abian da"
Ander Leon
2018-09-09 00:00:00
"Saharako deshobiratze prozesuari esker, hamaika militar marokoarren kontrako epaia abian da" Euskal Fondoak diruz lagunduta, ekainaren bukaeran Sahara Askean hainbat deshobiratze egiten ibili da Hegoak, EHUk eta Aranzadik osatutako lantaldea. Antropologoa, historialaria, irakaslea eta talde horretako partaide den Lourdes Herrastik testuinguru historikoaz, teknikaz, arazoez, harresiaz, orainaldiaz eta etorkizunaz hitz egin digu. Nolatan Sahara? Carlos Martin Beristain betidanik interesatu da saharar herriaren egoeraz eta bertako Giza Eskubideen urraketaz. Basamortura bidaia asko egin du eta ahozko elkarrizketa ugari jaso. El oasis de la memoria (Oroimenaren oasia) liburuan daude bilduta gehienak. Hobi komun batzuen berri izan zuen, kokapen nahiko zehatzarekin. Tokia askatutako zonaldean dagoenez, deshobiratzeko aukera aztertzen hasi zen. Gure taldeak garai hartan jadanik eskarmentua zuen 1936ko Gerrako hobiekin. Carlosek proposamena luzatu eta hara joan ginen lehenengo aldiz, 2013ko ekainean. Exekutatutako pertsonen gorpuak aurkitu dituzue. Zer urtetan hil zituzten? 1976ko otsailaren 12an. Oso garrantzitsua da data hori, izan ere, Espainiak bere tropak otsailaren 27an erretiratu zituen, hau da, hil zituzten momentuan espainiarrak ziren, ondorio guztietarako. 1957tik Sahara Espainiako probintzia zen, hego euskal herritar baten nortasun agirian lurraldea Gipuzkoa jar dezakeen bezala, beraienean Mendebaldeko Sahara zegoen idatzita. Hori oso baliogarria izango da gertaerak auzibidera eramateko momentuan. Sahara deskolonizatzeko legea 1975eko azaroaren 20an argitaratu zen Espainiako BOE aldizkari ofizialean, ez zen giro… Franco hil zen egun berean, pentsa… Franco eta frankismoa bera gaixo zeudela aprobetxatuz, Sahara hartzeko mugimenduak hasi ziren: iparraldetik Maroko eta hegoaldetik Mauritania. Garaiko erregeak, Hassan II.ak, 1975eko urrian Martxa Berdea abiatu zuen. Ustez zibilez osatutako zutabeak ziren, Saharan ezartzeko asmoz. Espainiako Estatuaren ahulezia agerian geratu zen eta lurrak inbaditzen hasi ziren. Marokorena gezurrezko propaganda zen ordea, zibilekin batera ejertzitoa eta polizia sartu baitziren sahararren lurraldeetan. Sartu ez ezik, giza eskubideen urraketa larriak egin zituzten, bahiketak, hilketak, torturak… Toki batzuk ere bonbardatu zituzten, adibidez Tifariti, gu lanean ibili ginen hiria edo Oum Dreyga, gaur egun harresian bertan dagoena. Testuinguru horretan gertatu ziren aipatutako hilketak, espainiarren utzikeriaz baliatuz, inolako kontrolik gabe. Hobien kokapen zehatza lekuko batek eman zizuen, zer historia dago atzean? Pertsona hori artzaina zen eta umea zela soldadu marokoarrek atxilotu zuten, beste batzuekin. Hain gaztea izanik soldadu batek, errukiz edo, bizirik ateratzeko aukera eman zion "Gora Maroko! Gora Hassan!" oihukatuz gero. Umeak halaxe egin zuen eta kamioian manta baten azpian ezkutatu zuen soldaduak. Bertatik detonazioak entzun zituen eta bazekien tokia non zen, Amgalan, marokoarrek eraikitako harresitik oso hurbil. Ume hori gaur egun heldua da eta berak eraman gintuen gorpuak zeuden tokira. Aipatu duzun harresia ez da oso ezaguna… Gizakiak eraikitako historiako bigarren harresirik luzeena da, Txinakoaren atzetik. 2.700 kilometrotik gora du eta Sahara okupatua eta Sahara askea bereizteko sortu zuen Marokok, 1980tik 1987ra. Milaka soldaduk zaintzen dute eta eremu minatua da, gaur egun oraindik jende asko mutilatzen dute lehergailuek. Kaltetuenak haur beduinoak izaten dira. Horren ondoan egin genuen guk lehenengo lana. Ez ginen soldadu marokoarrekin gehiegi fidatzen, horregatik mozorrotuta joan ginen, mauritaniar artzain nomadek janzten dituzten arropak erabiliz. Sei gorpu aurkitu genituen, haietako bi hamabost urteko mutikoak ziren; identifikatzea oso erraza izan zen dokumentuen bidez. Hala ere, laginak atera ostean, bertan hobiratu genituen berriz. Oso gertu, berrehun metrora edo, beste hobi bat zegoen bi pertsonen gorputzekin. Espainiar nortasun agiria zeukaten soinean, beraz euren identitatea argia zen. Laginek eta DNAk ziurtatu zuten bi pertsona horiek dokumentatutako berak zirela. Orotara zortzi pertsona atera eta zortziak identifikatuta. Buru-hezurrean eta gorputzeko hainbat ataletan zeuzkaten zuloengatik demostratu ahal izan genuen tiroz hil zituztela. "Gizakiak eraikitako bigarren harresi luzeena –Txinakoaren atzetik– Sahara okupatua eta askea bereizteko sortu zuen Marokok 1980tik 1987ra: 2.700 kilometrotik gora du". (Arg: Ander Leon) Iheslariak izango ziren akaso? Aljeriara, Tinduf aldera, okupaziotik ihesean zihoazen beduinoak izango ziren ziurrenik, nomadak. Marokoar patruila batekin topo egin eta halaxe amaitu zuten. Bigarren bidaia batean bi borrokalariren gorpuak ere aurkitu genituen Fabret Leguian izeneko tokian, borrokan ibili zirela ondorioztatu ahal  izan dugu beraien inguruan aurkitutako munizio kopuruagatik. Tamalez ezin izan ditugu identifikatu. Bai ordea beraien ondoan zegoen beste bat: 1976an hil eta 2013an aurkitu dugu. Sahara Askea aipatu duzu, zein da oraingo egoera administratiboa? Sahararrak hiru lurraldetan daude banatuta. Batzuk Tinduf hiriaren alboko kanpamentuetan daude, errefuxiatuak dira eta beraien herrialdetik kanpo bizi dira Aljeriako lurretan. Saharako lurrak bi zonalde ditu, okupatua, Marokoren agindupean dagoena, eta Askea, gobernu sahararrak kontrolatua. Tartean dago lehen aipatu dudan harresia, iparraldetik hegoaldera. Gure lana zonalde askean egin dugu Tindufetik sartuta. Jakin badakigu zonalde okupatuan hobi gehiago daudela baina hor ez dago zer eginik momentuz. Antolaketa eta azpiegitura aldetik ez da erraza izango halako lanak egitea. Guk AFAPREDESAko (Preso eta Desagerturiko Sahararren Senitartekoen Elkartea) kideen bidez egiten dugu lan. Dokumentazioa beraiek dute eta identifikatzea ere dauzkaten datuak erabiliz egiten da. Beraiek eramaten gaituzte eskoltatuta hobietara, inork baino hobeto ezagutzen baitute eremu hori. Teknikoki lan egitea hemen [Euskal Herrian] baino errazagoa da, hondarra kentzea baino ez dago. Baina gorputzak nahiko azalean daudenez, askotan ez dira osorik egoten, haizeak eraman ditu edo animaliaren batek hondatu. Hala ere, lehortasunak hezurrak oso egoera onean mantendu ditu eta metodologia ohikoa izan da, arkeologikoa. Hartutako datuekin zer egiten duzue? Dokumentatu eta txostenak egiten ditugu. Libre daude eta nahi duenak eskuragarri ditu, gure asmoa informazio hori ahalik eta gehien zabaltzea baita. Baina ez hori bakarrik, sahararrek, txostena eskutan, Espainiako Auzitegi Nazionalean salatu zituzten hilketak, eta Pablo Ruz epaileak Carlos Martin Beristain eta Pako Etxeberria deitu zituen deklarazioa hartzeko. Informazio horrekin guztiarekin eta deshobiratzeei esker, hamaika kargu militar marokoarren kontrako epaia zabaldu zuen 2015ean eta, gaur egun, mundu osoan dago pertsona horiek atxilotzeko agindua. Oinarria, espainiar hiritar batzuen kontrako giza eskubideen urraketa da. Hor dago egia judiziala. 2018ko ekainean itzuli zarete, egoera bera aurkitu duzue? Beste hiru hobiren berri izan genuen eta bueltatzea erabaki genuen. Egoera ezberdina izan da: hobi bakoitzean pertsona bakarraren gorputza zegoen eta hirurak emakumeak ziren. Meheiresen aurkitu dugu lehenengoa, haima batzuetatik oso gertu; kasu horretan ere artzainek antzeman zuten hobia. 30 urtetik gorako emakumea zen eta ez zuen apenas objekturik, gandora baten kremailera besterik ez. Bigarrena Amgalan zegoen, ilea lurrazaletik kanpora zuela, baina honek ere ez zuen objekturik inguruan. Hirugarrena, 2013an atera genuen hobitik oso gertu zegoen, adineko emakumea zen eta gauza asko aurkitu genizkion aldean: zintzilikarioak, lepokoak, abalorio asko, kolonia flaskoa eta garaiko 1, 5, 25 eta 50 pezetatako Francoren irudidun txanponak. Orotara 690 pezeta. Dirutza zen hori 1976an eta erakusten du ez zela lapurreta izan. Itzultzeko asmoa duzue? Ez bada hobi gehiago aurkitzen, ez, baina AFAPREDESAren esku gaude. Dena den, azken bidaia honetako beste helburuetako bat hangoak formatzea izan da. Pako Etxeberriak teknika forentseak irakatsi dizkie eta Laura Pegok arlo juridikoa garatu du; ahozko elkarrizketak egiteko teknikak ere ikasi dituzte. Eurak lan hori egiteko gai izatea da asmoa, kanpoko laguntzarik gabe. Herri bezala garatzeko, halako gauza txikiekin eman behar dira aurrerapausoak. Saharako afera geldi dagoela dirudi. Gaur egun Afrikan dauden gatazken artean txikienetakoa da Sahararena, pertsona kopurua eta baliabide materialak kontutan hartzen baditugu, behintzat. Hedabideetan gaia ere baztertuta dago, udako umeen bisitek azalarazten ez dutenean. Badaukagu Kongo, Hego Sudan, Somalia, Mali, islamismoa, migrazioak... Horri begira dago nazioarteko politika eta Saharako auzia ahazteko arriskuan dago. Beraien borrokak izugarrizko babesa du arlo materialean, kooperazioan, baina politikoki ezin da ezer egin kanpoko laguntzarik gabe, eta arlo horretan Marokoren posizioa oso gotorra da, ez dirudi hortik pasa gabe inolako konponbiderik egon litekeenik. Mugimendu batzuk badaude, baina dirudienez, auzia luzerako izango dugu.
news
argia-58e689642a45
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/beroaldi-globalak-badu-klase-sozialen-berri-txiroak-kiskali-estreina.html
Beroaldi globalak badu klase sozialen berri: txiroak kiskali estreina
Pello Zubiria Kamino
2018-09-09 00:00:00
Beroaldi globalak badu klase sozialen berri: txiroak kiskali estreina 2018ko uda beroarekin ipar hemisferio osoak hurbilagotik ezagutu du klimaren aldaketa. Tifoien edo uholdeen zalapartarik gabe, haiek bezain suntsitzaile gerta daitezke beroaldi handiak. Beste gauza gehienetan bezala, ordea, beroaren erasoa ez dute berdin nozituko hotza eskuratu dezaketenek eta freskatzeko modurik ez dutenek. Aire egokitua behar duten hirietan, gero eta hiritarragoa den gizadiaren barruan, jende eta auzo txiro eta bakartuenak dira galdaran legez egosteko arriskuan. 2018. urtea markatuta geratuko da historiako orain arteko beroenen artean. Termometroek errekorrak hautsi dituzte denetan uztail eta abuztuan. Urtzen ari diren glaziarren, sututako oihan nordikoen eta Australiako errepideetan bezala eguzkiak urtutako asfaltoaren irudi txundigarrietatik harago, The Guardian egunkariak kronika eta analisi sorta eskaini die beroaldien ugaritzeak munduko hirietan dagoenekoz eragin dituzten ondorioei. " Ura irakiteko erdi bidean: hiria 50 ºC-tan ", idatzi dute Jonathan Watts eta Elle Huntek. Imajinatu zer bizimodu eduki behar duen hiri batek tenperatura horretan. Kaleak bezala parkeak hutsik, inor ez da ausartzen irtetera eguzkia gora denean, arratsean hasten dira herritarrak agertzen, bero egin arren ilunak pittin bat baretutakoan... Eskoletako patioak isilik, ikasleak barruan zerraturik, ordurik beroenetan debekatuta dago kanpoan lanean aritzea. "Ageri diren jende bakarrak dira aire giroturik ez daukatenak, sargoriari ihes egin ezin diotenak: txiroak, etxerik gabeak, paper bako langileak. Gizartea banatuta dago freskura daukatenen eta ez daukatenen artean". Oraindik asko ez dela 50ºC-ak anomaliatzat hartzen ziren arren, gero eta sarriago ari gara ikusten munduan. Aurtengo udaberrian bertan Pakistango Nawabshahn bizi diren milioitik gora jendeei tokatu zaie bizitzea munduak gaur arte gogoan duen apirilik beroena: termometroak 50,2ºC-tara iritsi dira. Bi urte lehenago Indiako Phalodi hirian  harrapatu zituzten 51ºC. Pertsiar Golkoko anitz hiritan ohitzen ari dira galdara giro horretara. Irakeko Basrako 2,1 milioi biztanleek badakite zer den termometroek 53,9ºC markatzea. Omango kostan Quriyaten uda honetako gau batez sargoria ez zen 42,6ºC-tik jaitsi, munduan inoiz neurtu den gutxieneko altuena. Mekan, urtero bi milioi erromesek bisitatzen duten hiri santuan, 51,3ºC harrapatu zituzten 2012an eta luze baino lehen ikusiko dute marka nola hausten den. Mundu aberatsean, Kaliforniako Palm Beach eta Chinon ia-ia iritsi ziren. 50ºC-tako kopuru hori urak irakiten duen tenperaturaren erdia baino zerbait gehiago da: bizimodu txukun baten muga ere bada. Tenperatura horretan  gizakiari zelulak egosten hasten zaizkio, odola loditzen, biriken inguruko giharrak estutzen, burua oxigenoz betetzen. Pertsonari toxikoa zaio bere gorputza ohiko tenperatura baino hamar gradutan eduki beharra. Inguru lehorretan izerditzeak lagunduko dio estresa baretzen, baina beroari hezetasuna gehitutakoan babes hori ere falta du. Zientzialariak ari dira ohartarazten  aurtengoa bezalako muturreko beroaldiak gero eta ohikoagoak izanen direla India, Pakistan, Asia ekialde eta Txinako eremu askotan. Are gehiago, 2100. urterako munduko biztanleen erdiak urtean gutxienez 20 egunez bizi beharko omen du muturreko tenperatura itogarrien pean baita negutegi eragineko gasen isurketa modurik baikorrenean mugatzea lortuta ere. Pentsa CO2 isurketak aski mugatzen ez badira... Kontua da normaltasun berriaren ondorioak ez dituztela mundutar guztiek berdin nozituko: bai herrialde txiroenei eta baita herrialde bakoitzaren barruko behartsuenei askoz latzagoa izango zaie. Gaur bertan ere beroak ondo bereizten ditu klase sozialak. Hiriak labe erraldoi bihurturik     The Guardian -ek beroaldiari eskainitako seriearen barruan, egunkariaren sei korrespontsalen artean idatzi dute "Beroa, berdintasunik ezaren hurrengo gatazka ". Honela hasten da: "Uztailean bero kolpea nagusitu zenean Kanadako Qebecen, aste bakar batean 90 pertsonatik gora hilez, eguzki goriak argitara atera zituen gordinki aberatsen eta txiroen arteko ezberdintasunak". Izan ere, Montreal hirian eroso bizi diren jendeak aire egokituz freskatutako bulego eta etxebizitzetan babesten ziren bitartean, etxerik gabekoek senperrenak egin behar zituzten beroaren hatzaparrei ihes egiteko. 54 herritar hil ditu uda honetako beroak Montrealen eta osasun zerbitzuek zehaztu ez duten arren horietatik zenbat ziren etxerik gabeak, bai jakin da hildako gehienek 50 urte baino gehiago zituztela, bakarrik bizi zirela eta aurretik zekartzatela osasun arazo fisiko edo mentalak. Sargoriaren biktimetatik bakar batek ez zeukan aire egokiturik. Klase ezberdintasuna eta beroarekiko zaurgarritasuna antzeko moduan gurutzatzen dira munduko edozein parajetan. AEBetan langile etorkinek beroagatik hiltzeko hiru bider aukera gehiago dituzte hiritartasunaren jabe direnek baino. Eta Indian, non 30 urte barru 24 hiritan espero den udako batez besteko tenperatura 35ºC-takoa izatea, txabolategietako biztanleak dira babesik gabeenak. Planeta osoa ari da hiritartzen abiadura bizian –Munduko Osasun Erakundeak dio lurreko biztanleen %60 hirietan biziko dela 2030ean– eta hiriak arinago iristen dira tenperatura hilgarri horietara jendea sakabanatuago bizi den eskualdeak eta herriak baino. Gainera, hiria zenbat eta biztanlez trinkoago, orduan eta beroago. Hiriek eguzkiaren beroa xurgatu, beren barnetik beroa sortu eta inguruan irradiatzen dute. Asfaltoak, adreiluak, hormigoiak eta teilatu ilunen belakiak ura legez biltzen dute beroa egunez, gauez inguruan barreiatzeko. Aire egokituak bizimodua konpontzen die hura ordaintzeko adina sos badaukatenei, baina ordainetan kaleak are gehiago berotzen dituzte hura pagatzeko ez daukatenen kalterako. Hiri bakoitzean beroaldiak bere kalteak ez ditu berdintasunez oparitzen, auzo aberats eta pobreak ezberdin baitaude hornituak. Zuhaitz eta landarez, hasteko. Arbola baten itzalak eragiten du tenperatura hamar edo hogei gradutaraino freskatzea. Eta hirietan jende txiroenak eta giza talde baztertuenak bizi dira landareen berdetik urrunen. Aire egokiturik gabe ezin pentsatuzkoak dira XXI. mendeko hiriak, oreka energetikoari erreparatu gabe eraikitako etxe-orratzez diseinatuak. Egun gorri daukate aire egokiturik ez daukatenek, edukita ordaindu ezin dutenek, gaizki isolatutako presondegi edo ospitaleetan pilatuek, kalean bizi edo lan egitera derrigortuek... Nola moldatu? Klase diferentziek ez daukate datozen urtetan arintzeko itxurarik eta oker diseinatutako hiriak birmoldatzeko ez dirudi ez dirurik eta ez gogorik dagoenik. Teknologia berriz gainezka heldu den XXI. mendean, paradoxikoki, agintariek soluzio zaharretara jo beharra daukate eguzkiak herritarrak kiskali edo egostea nahi ez badute: gauez ixten diren parke, piszina, liburutegi eta beste eraikin publikoak zabalik utzi, ura banatu auzoz auzo...
news
argia-f32ac7150dd9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/uztaren-hizkuntza.html
Uztaren hizkuntza
Jakoba Errekondo
2018-09-09 00:00:00
Uztaren hizkuntza Papua Ginea Berria ekialdetik mendebaldera mendilerro garai batek zeharkatzen du. Bere bi aieketan mendixkak eta bailara itxiak daude, eta han, milaka urtean bakarturik bizi izan diren tribuek kultura eta hizkuntza aniztasunaren sona ematen diote lurralde hari. Mendilerro horretan, Pandanus generoko palmondo bat bizi da: 30 metro inguru harrapa ditzake, eta anana tankerako fruitu koxkor sorta ugari ematen du. Koxkor hori gordinik bezala egosita jaten dute, eta Ipar Ameriketako pekan intxaurraren antzeko dasta duela diote. Fruitu koipetsua da, eta goseteetarako eta ospakizunetarako jasotzen dute, eta antzinako erritu zaharrekin lotzen da. Agi danean, azken Izotz Aroan dagoeneko igotzen ziren itsasaldetik mendietara fruitu hori jasotzera. Espedizioak erritu izaerako ekintzak bihurtu ziren, eta horrek ezkutuko hizkuntzak piztu. Hizkuntza berezia du pandanus koxkorraren bilketak. Hango tribuek mendira sartzen direnean, hizkera arrunta alde batera uzten dute. Bilketa espedizioetan hizkuntza arrunteko hitzak erabiliz gero uzta alferrik galduko dela uste dute. Aldiz "pandanus" erregistroa edo maila erabiliz, espiritu txarrak eta etsaiak uxatuko dituzte, baita uztak izan ditzakeen kalteak ekidin ere. Papua Ginea Berria osoan, klanen eta tribuen hizkuntzak aldatu eta "pandanus" hizkuntza desberdinak bihurtzen dira, uztaren onerako. Karl J. Franklin hizkuntzalari estatubatuar erretiratua hara iritsi zen 1958an, eta kewa hizkuntzaren "pandanus" erregistro horren berri eman zuen 1972ko artikulu honetan: " A ritual pandanus language of New Guinea ". Berak zioen bertakoen ustez inguru guztia zakur basatiz josita zegoela eta haien zaindari nagusia Kita-Meda espiritua zela. Hark ezagutzen ez zuen hizkera bat eginez, bakean utziko zituen Giluwe mendira pandanus fruituetara egiten zituzten asteetako espedizioetan. Mendian bizirik irauteko hizkuntza funtzional bat dela dio Franklinek. Andrew Pawley hizkuntzalari australiarrak kalam klanaren "pandanus" erregistroa azaldu zuen: ez da espirituaren beldur sortua, baizik eta biltzen zen uztaren kalitatea bermatzeko. Uztaren bilketan hezetasunarekin lotura duten edo mikatza, gazia, hutsa eta egunerokotasuneko hitzak tabu dira. Magia, artea... Denetik esan izan da erregistro horiek zehazteko. Lurraldea mugatzeko era ere bada, izan ere erregistroa menperatzen ez duenak ezingo ditu-eta mendia eta haren fruituak bereganatu.
news
argia-bdbe5c5bf925
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/odisea-ren-zatirik-zaharrena.html
'Odisea'-ren zatirik zaharrena
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-09-09 00:00:00
'Odisea'-ren zatirik zaharrena Greziako Olinpiako santutegian grekoz idatzitako buztinezko plaka aurkitu dute, Homeroren Odisea-ren hamairu bertso dituena. Zehazki, Odiseok  Eumeo mirabearekin daukan elkarrizketa jasotzen dute bertso horiek. Greziako Kultura Ministerioaren arduradunen arabera, idazkunaren lehen azterketatik ondorioztatu daiteke erromatar garaikoa dela, K.o. III. mendea baino lehenagokoa. Epopeia  ezaguna K.a. VIII. mendean konposatu zutela uste da eta, beraz, aurkitu berri den idatzia originala baino milurte bat berriagoa litzateke. Eta, hala ere, datazio zehatzagoak hasierako hipotesia baieztatuko balu, orain arte aurkitutako Odisea -ren zati idatzirik zaharrena litzateke.
news
argia-52a3869404d8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/intentsitatea-tentsioa-eta-erresistentzia.html
Intentsitatea, tentsioa eta erresistentzia
Estitxu Garai Artetxe
2018-09-09 00:00:00
Intentsitatea, tentsioa eta erresistentzia Elektrikari talde bat bildu eta zenbait tresna eta material eman ostean hauxe esan zieten: zirkuitu sinple bat osatzeko beharrezko material guztia daukazue aurrean. Hasi eta berehala konturatu ziren kablea motzegia zela eta ez zegoela zirkuitua itxi ahal izateko adina. Gehienek amore eman zuten, ziria Bazirudien edozein atakatik ateratzeko konbentzimendua zutela eta Errepublikak aurrera egin zezan ere estrategia eta aukera ezberdinak aurreikusita izango zituztela. Ez da horrela izan, ordea. Espainiaren errepresioak 'stand by' utzi du kontua. Eta horrek irudikatzen duena da gaur-gaurkoz errepublikaren egikaritze materiala ezinezkoa dela. Independentismoarentzat ezin kaltegarriagoa sartu zietela sinetsita. Gutxi batzuek baino ez zuten lortu zirkuitua burutzea, falta zen kablearen ordez bihurkinaren punta erabilita. Zergatik? "Ezin da" sinestetik, "nola egin dezaket" pentsatzera igaro zirelako, eta orduantxe hasi zirelako tresneriaren artean eroalea zen zerbaiten bila. Bizitzan bezalaxe, politikan gauza askok ezinezkoak dirudite egiten diren arte. Urriaren 1eko Kataluniako erreferenduma horren lekuko. Zailtasun guztien gainetik egin, egin zen. Herritarrek bere esku eta gorputzen menpe zegoen guztia egin zuten boza ematea posible izan zedin. Ondoren, egun gorabeheratsuen ostean, mandatu demokratiko horri men egin eta urriaren 27an Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuen Puigdemont presidenteak.   Urtebete igaroko da laster orduko hartatik, eta data biek ala biek garrantzia politiko berezia izango dute. Esango nuke, bereziki, urriaren batekoak. Horren jakitun, arreta Kataluniatik aldentzeko eta oso lotsa gutxirekin, Pedro Sanchezek Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin batera ekitaldia antolatu du "ETAren bukaera" irudikatzeko. Ikusteko dago Kataluniatik zer antolatzen den eta nola janzten den urtemuga esanguraz. Proces -a ezaugarritu duen zerbait egon bada, nire ustez, alboko pentsamendua izan da. Hasieran kontatutako elektrikarien alegoria erabiltzen da zer den azaltzeko. Alboko pentsamendua deritzona pentsatzeko era da, sormenarekin lotura handia duena. Txikitatik hezten gaituzte modu logiko eta arrazionalean pentsatzeko, eta, hartara, arazo baten aurrean soluzio bertsuak otutzen zaizkigu guztioi, aurrez ikusi eta ikasitakoaren arabera. Alboko pentsamendua, ordea, ohi ez diren bide alternatiboak baliatzean datza. Kataluniako ontzia portu honetara ekarri duena horixe izan da: unean uneko arazoei espero bako soluzio sortzaileak ematea. Bazirudien edozein atakatik ateratzeko konbentzimendua zutela eta Errepublikak aurrera egin zezan ere estrategia eta aukera ezberdinak aurreikusita izango zituztela. Ez da horrela izan, ordea. Espainiaren errepresioak stand by utzi du kontua. Eta horrek irudikatzen duena da gaur-gaurkoz errepublikaren egikaritze materiala ezinezkoa dela. Independentismoarentzat ezin kaltegarriagoa. Halaber, Estatuko aparatuetatik eta alderdi unionistetatik ahal den guztia egiten ari dira herria errepresioaren kontrako erantzunean kateatzeko. Talde ultraeskuindarren inpunitatea indarkeria xaxatzeko ahalegina baino ez da. Lazo horien aferari horrenbesteko oihartzuna ematea horren adierazle da. Eroso mugitzen dira eremu horretan. Horregatik funtsezkoa da aldarrikapenak eta ahaleginak errepublikara bideratzea. Hori da preso eta erbesteratuta daudenen alde lan egiteko modurik onena. Bestela errepublikarenak egin du. Udazkenean intentsitatea berreskuratuko delakoan nago. Bistakoa da alderdi politikoak logika autonomistatik eta euren arteko botere lehiatik ateratzea oso zaila dela, baina primarioen jokaldiak mugiarazi ditzake. Posible dela sinesten jarraitzea da aurrera egiteko modu bakarra. Katalunian badago sinesten duen jendea. Orain euren unea da. Inperioari aurre egiteko anperio asko behar baitira. Zaharrak alde batera utzi gabe, elektrikari berriak behar ditu Kataluniak.
news
argia-20a50d267385
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/ezagutzeko-eta-ekiteko.html
Ezagutzeko eta ekiteko
Amaia Alvarez Uria
2018-09-09 00:00:00
Ezagutzeko eta ekiteko Leslie Feinbergen Stone butch blues (1993) aurtengo maiatzetik dugu eskuragarri euskaraz Fermin Zabaltza itzultzaileari eta Katakrak argitaletxeari esker Mari-mutil handi baten bluesa titulupean. Jess Golberg fikziozko pertsonaiaren bizitza da liburu honetan deskubrituko duguna. Lesbiana (stone) butch edo mari-mutil (handi)a izandakoak lesbiana trans* edo emazte-gizon izanez bere gorputzean etxean sentitzea lortuko du. Stone butch (edo mari-mutil handia) definitzeko J. Halberstam-en Female masculinity (1998) liburuan hurrengoa topatu dugu: sexu eta genero sistema binarioak kolokan jartzen dituen genero queer bat da (maskulinitate femeninoaren adierazpena eta subjektibitate transgeneroaren arteko gorputz lesbianoa; inposatutako feminitate anatomikoaren ukoa egiten duena bere maitaleei sexualki ukitzerik ez utziz). 1970eko feminista lesbianoek 1950eko eta 1960ko hamarkadetako butch-femme rolak arbuiatu zituzten heteropatriarkatuaren kopia zirelakoan. Hortaz, maskulinitate femeninoa lesbianen komunitatean debekatzeak butch batzuk lesbiana izaerarekin ez identifikatzera eraman eta transgenero kategoriara hurbil ditzake. Bidegurutze horretan topatzen dugu Jess. Itxura gogorra duen kide atsegina da. Mari-mutil izateko modu asko daudela esaten du, eta bera ez emakume eta ez gizon dela, mugak eta binarismoak gaindituz. Kanta tristea da bertan duguna (bluesa): lesbiana maskulinoen bizipen latzak eta zenbait zapalketa eta borrokaren testigantza (hainbat intersekzionalitate izango dugu pertsonaietan). Ingurukoengandik biolentzia eta jazarpena jasango ditu, lesbofobia eta transfobia batez ere, eta desberdin/konplexu sentitzearen ondoriozko beldurra eta lotsa. Askapen mugimendu batzuen hastapenak ezagutuko ditugu (Stonewall-en ingurukoak eta lehen sindikatuak AEBetan). Eta komunitatearen eta elkarlanaren beharra azpimarratuko ditu, bai LGTBQ mugimenduan, bai langileen borrokan. Zapalketen aurkako nobela dela esan zuen 2003an (lesbianak, transak, langileak, beltzak, prostitutak dira pertsonaia nagusiak). Eta euskarazko bertsioaren hasieran hurrengoa dio: "Zapalkuntza, erresistentzia eta harrotasuna bizi duen norbaiten ahotsa da". Oso liburu gomendagarria ezagutzeko eta ekiteko gogoa pizteko.
news
argia-67c2f0c55424
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/bada-arraunik-telebistako-estropadetatik-kanpo.html
Bada arraunik telebistako estropadetatik kanpo
Miren Osa Galdona
2018-09-09 00:00:00
Bada arraunik telebistako estropadetatik kanpo Amaitzear da aurtengo arraun denboraldia. Ez soilik goi-mailako kirolarientzat, baita urte osoan arraunak astintzen jardun duten "beste" arraunlarientzat ere.  Estropadek sortzen duten ikuskizunetik aldenduta, uda sasoi honetan ere izan dira, beste helburu batzuekin bada ere, lehen mailako izarren itzalpean arraunean jardun dutenak. Horren lekuko dira arraunean aurten ikasi duten 30 emakumeak; tradizioa eta aisia uztartzen dituen batel zeharkaldia; eta bost bandera irabazi dituzten beteranoak. Zergatik ez arraunean 40 urterekin? 35 urtetik gorako 30 emakume, traineru bat, eta erronka nagusi bat: Orio-Bilbo-Orio zeharkaldia egitea lau egunetan. Desafioa bukatu eta ia bi hilabetera argi dute Ainhoa Pozok, Eider Osinaldek eta Sorkunde Lizasok: "Ez diogu inori ezer frogatu nahi izan, geure buruari salbu". 38, 43 eta 58 urte dituzte, hurrenez hurren, eta Zergatik ez? egitasmoko protagonistetako hiru dira. Lehen etapan, Orio-Bermeo bidean, izan zuten ezusteko galanta. Halakorik aurreikusita ez zegoela, itsasoa harrotu eta Getariara heltzeko lanak izan zituzten. Eguerdian Bermeon behar zuten, baina itsasoa baretu zain egon eta gaueko bederatziak aldera iritsi ziren Bermeora. Egun gorabeheratsua izan eta gero, portuan zen jende andanak eginiko harrera beroak indarberritu zituen: "Zoragarria izan zen, kaia jendez beteta, txaloka, oihuka… Batez ere, emakumeen aldetik sentitu genuen konplizitatea izan da ederra, militantzia puntua zuen", dio Lizasok. Bermeotarrak "Aupa Orio!" oihukatzen entzuteak eta goi-mailako ligetan dauden lehia kutsuko ezinikusiak albo batera uzteak herrien arteko elkartasuna adierazten dutela uste du Pozok. Osinaldek "ahizpatasun zintzo" horretaz ohartarazi du: "Lehiarik ez zegoelako animatu gaituzte. Gure buruarekin genuen erronka zelako". Hurrengo hiru etapak lasaiagoak izan ziren, nahiz eta beti kezka izan Oriora iritsiko ziren ala ez. Hiru arraunlarien ustez, erronkaren amaiera, alegia helburua lortu izana, "inondik inora espero ez zuten eztanda" izan zen herrian. Hala azaldu du Pozok: "Enrike patroiari [emakumezko patroiak lortzen saiatu arren ez zuten bakar bat ere lortu] aurpegia aldatu zitzaion Oriora sartzen hasi ginenean. Gu herriari bizkarra ematen gindoazen, baina berak dena ikusten zuen". Herritarrek, lagunek eta senideek bi traineruei (30 arraunlariak bi trainerutan iritsi ziren Orian barrena) harrera beroa, arraunlariek espero baino beroagoa, egin zieten. Baina zergatik hasi ziren 30 emakume heldu, ia denak arraunean inoiz ibili gabeak, halako egitasmo batean? Jakina da oriotarrek joera eta gertutasun berezia dutela arraun munduarekin: estropadan bandera irabaztean herriko plaza jaietan baino beteago egotea ohikoa da, eta ez da kasualitatea negu gorrian nahiz uda betean herri osoa horiz apainduta egotea. "Oriotarrak izateak eragingo zuen, dudarik gabe! Baina batez ere naturarekin eta kirolarekin zerikusia zuen zerbait egin nahi genuen". 40 urteak betetzera zihoazen oriotar batzuen ideia izan zen arraunean egitea, ez betiko bazkari bat, ezta boladan dauden maratoi jendetsu horietakoren batean korrika egitea ere. 40. urtemugaren ospakizunak berezia izan behar zuen, eta Oria ibaiaren ondoan egonik, zer hoberik arraunean egitea baino. Egitasmoan izena eman zuen gehiengoak ez zuen inoiz arraunean egiteko aukerarik izan, azken urteotako kontua baita emakumeak traineruan aritzea. Zergatik ez egitasmoa arraunean egiteko bizitzako abagune bakarra izan zitekeen. Orioko Arraun Elkarteari laguntza eskatu ziotenean bi baldintza jarri zizkieten: gutxienez hogei emakume elkartzea eta arraunean ikasteaz gain erronka bati heltzea. Whatsapp bidez iritsi zitzaien gonbidapena Lizasori eta Osinalderi, askorik pentsatu gabe eman zuten baiezkoa: "Nik jada 58 urte ditut, eta aukera hau opari bat izan da niretzat", Sorkunde Lizasok amets bat bete duela sentitzen du. Orioko Arraun Elkartearen babesean aritu da taldea urritik uztailera. Horrek ez du esan nahi egitura antolatuak dena eskura jarri dienik. Instalazioetan eta hainbat gauzatan laguntza izan dute, baina behar ekonomikoa handia izan da denboraldi osoan. "Dirua behar genuen materiala erosteko, ontzien gasolina ordaintzeko, janarirako… Babesleak bilatzen hasi ginen". Trainerua Eusko Jaurlaritzak utzi zien eta Orioko Arraun Elkarteak klubean bertan uzteko aukera eman zien. Lizasok hala adierazi du: "Trainerua ezin duzu garajean gorde". Eta prestakuntza fisikoa, teknikoa, itsasoratzean ondoan izango den ontzi laguntzailea... konplexutasun handiko zereginak asko. Hala, egitasmoak zuzendaritza sendoa izan du eta kide horietako bat izan da Ainhoa Pozo: "Gure helburua arraunlariok traineruan eseri orduko behar genuen guztia prest izatea zen. Horixe izan da niretzat gogorrena, egun osoan telefono mugikorra dantzan izan dut. Erronka lortuta, merezi izan duela uste dut. Bide bat ireki dugu Euskal Herrian horrelako ekimen gehiago egiteko". Tradizioa herriak mantendu dezan, bateletan Teink Trofeoan, aurtengo udan, batelarien hogei taldek hartu dute parte. Batelek egiteko garrantzitsua izan dute euskal kostaldearen historian, eta zer esanik ez herri arrantzaleetan. Lanerako tresna ez ezik, garraiobide ere izan dira badia bereko bi herriren arteko zubi lanak egiteko, besteak beste. Denboraren poderioz, aurrerapen teknologikoen indarrez, baina, bigarren mailan geratu dira, eta kasik aisialdirako gailutzat har daitezke gaur egun. 1992an, batelak mantendu eta sustatzeko asmoz, lau donibandarrek euskal kostaldea zeharkatu zuten, historikoki izandako balioa ahanzturan erori ez zedin. Ontziari Teink izena jartzea proposatu zien batelaren artisauak, arrantzaleek atuna amuan dutenean erabiltzen duten hitza aprobetxatuz. Hala, esperientzia gustatu, taldea elkarte bilakatu eta Teink Trofeoa sortu zen. Castro-Urdialesen hasi eta Donibane Lohizunen amaitu dute aurtengo zeharkaldia. Edonon hasita ere, amaiera beti Donibane Lohizunen dela dio Andoni Torres parte-hartzaileak. 2011n eman zuen izena lehen aldiz beste bi lagunekin batera, eta aurreko aldietan bezala, aurtengo esperientzia ere oso aberasgarria izan dela dio: "Arraunaz gozatzeko ez ezik, jendea ezagutzeko aukera bikaina da Teink Trofeoa". Uztailaren 30ean hasi ziren arraunei eragiten, eta hala jardun zuten astebetez, guztira sei etapa osatuz. Aurtengo edizioan hogei batelek hartu dute parte; hemeretzi gizonezkoenak eta bakarra emakumezkoena. Teink Trofeoak izenez lehiaketa itxura izan dezakeen arren, Torresek uste du oinarrian beste balore batzuk dituela erronkak, eta arraun herrikoiaren eredutik gertuago dagoela lehiakortasunetik baino. Egunero lau edo bost orduz aritzen dira arraunean. Lehen egunero eta orain ia egunero 45 minutu erlojuaren kontra izaten dira. Horrekin sailkapena osatzen dute antolatzaileek eta horren arabera izendatzen da irabazlea. "Hogei bateletatik bi edo hiru aterako dira irabaztera. Gainontzekoak beste filosofia batekin goaz. Arraun profesionalarekin alderatuta, beste kontu bat da hau". Antolatzaileak emakume gehiagok parte hartzeko eginahalak egiten ari dira, eta oro har edonork parte hartzeko moduko ekimena dela nabarmendu du: "Jendeak pentsa dezake arraunlari ohien zeharkaldia dela, eta inondik inora ez da horrela: gutxi batzuk gara arraunean ibili garenak. Bitxikeria moduan esan dezaket arraunlari ohiak baino, errugbilari ohi gehiago irteten direla". Zeharkaldia uda erdialdean izanik, entrenamenduak Aste Santu ostean hastea da ohikoa. Antolatzaileek uzten dizkiete batelak, oro har ez baita ohikoa izaten norberak bere batela edukitzea. Torresen iritziz, antzeko egitasmo gehiagok egon beharko lukete, "arrauna ez baita soilik telebistan emititzen dutena". "Beste" goi-maila Argazkian Zarauzko Arraun Elkarteko Badok 13 traineruko arraunlari beteranoak. "Hedabideek ez digute inongo protagonismorik ematen. Orokorrean uste dute edozein kiroletako beteranoen liga ondo pasatzeko baino ez dela. Eta ez da horrela. Gu irabaztera irteten gara, eta azken segundoa ere lehiatu egiten dugu". David Elustondoren hitzak dira. 55 urte ditu eta Zarauzko Arraun Elkarteko Badok 13 traineruko arraunlaria da. Bigarren urtea du Arraunlari Beteranoen Elkarteak antolatutako ABE Ligan parte hartzen, eta uste orokorrari muzin eginez, beteranoen arteko arraunak herrikoitik ezer gutxi duela uste du. "Ez goi-mailako arraunlarien maila berean, baina guk ere estropada guztiak irabazteko entrenatzen dugu". Uztailaren amaieran izan zen ABE Ligako azken estropada. Bi ontzirekin aritu da aurtengoan Badok 13 ko tripulazioa: bata lehiatzen, eta bestea gonbidatu gisa. Lehen ontzian aritzen da Elustondo eta erreskadan bost bandera irabazi dituztela nabarmendu du, tartean Gipuzkoako Txapelketa. Emaitzok lortzeko, ordea, itsasoan ez ezik, handik kanpo ere lan handia egin behar dela dio, baliabide ekonomikoak biltzen batik bat. "Zarauzko Arraun Elkarteak instalakuntzak uzten dizkigu, eta horri esker bertan entrenatzen dugu. Baina, gainontzeko gastu guztiak beterano taldeak ordaindu behar ditu: trainerua guk erosi genuen, astebururo 30 lagunentzat autobusa kontratatu behar dugu, janaria, materiala… Babeslerik gabe ezingo genuke itsasora irten". ABE ligak baditu zenbait berezitasun, izena emateko 45 urtetik gora izatea, adibidez. Tripulazio osoan, baina, 38 urtetik 45era arteko hiru arraunlari egon daitezke. "Arraunlaria izandakoa naiz, duela 25 urte. Behin ezkonduta eta familia osatuta, duela bi urte berriro ere talde batean sartzeko aukera eskaini zidaten. Arraunak badu lotzen zaituen zerbait eta askorik pentsatu gabe, animatu egin nintzen". Nostalgiak baino, lehiatzeko senak itzularazi zuen trainerura Zarauzko arraunlaria. Iazko denboraldian sailkapenaren erdialdean geratu ostean, aurten lau arraunlari batu zaizkie taldera. Fitxaketok arraunlari ohiak izatea garrantzitsua dela uste du Elustondok, "lehiakortasuna eta kalitatea" gehitu baitizkio ontziari.
news
argia-0e1feec5ef30
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/ezetzaren-ertzak.html
Ezetzaren ertzak
Inma Errea
2018-09-09 00:00:00
Ezetzaren ertzak Uztailak 6. Iruñeko festak hastear. Kale-hamarretakoak nonahi. Banku publikoz hornitutako kantoi batean, mutil gazte batzuk mintzo ozenean. Ezetzaz ari dira. Baten galdea: ezetza al da baietz ez esatea? Argia da kezka: jakitea nola jokatu hastear diren festetan. Galduta, edo salduta, sexu-grina estreinatu berriaren eta portaera egokien arteko zalantzetan. Nerabe-kalakan, haien parera andre heldua, ni, iritsi arte –esku gorria paparrean, nahitaezko osagarri sanferminetako uniformean–. Isilune behartua. Eta gero, ni haiengandik urrunduta, nerabeak solas animatuan berriro, hamarretakoa egin bitartean. Ez dakit haiek ondoriorik atera zuten, baina duda baten hazia ernarazi zuten nigan: ongi ari gara? Uztailaren 6az geroztik, maiz pentsatu dut egun hartakoaz. Eraso sexisten inguruko albisteek eta protestek dudak eta galderak ekartzen baitizkidate beti: ongi ari ote garen, eta nola egin ahal dugun hobeki. Eraso sexisten errealitate kezkagarriaren aurrean, ideia artegagarri bat: ezetzaren kanpaina egokia da, baina ez du gainditzen genero-rolak banatzeko eremu tradizionala. Ez du kuestionatzen gizonen iniziatiba sexu-harremanetan, ez eta emakumeen betebeharra ere gizonen bultzadei aurre egiteko. Eraso sexistak biziki arbuiatzen dituztenetako askok tinko jarraitzen baitute sinesten gizonen sexu-desira kontrolagaitza dela. Sistema osoak tai gabe berresten du uste hori –aisiako edukiak lekuko: kantak, filmak, publizitatea...–. Eta sinesmen hori kolokan ez jartzeak ezetzaren betebeharra inposatzen digu emakumeoi. Kasurik hoberenean, baietz ala ezetz esan behar dugu, argi eta ñabardurarik gabe, zertan eta sexuan, non ñabardurak berezkoak baitira. Ezetz esateko eskubidea guztiona da. Eskubide hori, ordea, betebehar  bihurtzen da emakumeen kasuan, sexuaz edo maitasunaz ari garenean. Gizonetan ez: emakumeen errekerimenduei ezetza emateak ez du arazo handirik sortzen gizartean –ez gatazkarik, ez bortxarik...–. Eta gizonen zelaian, ezetzaren eskubideak munta gutxiago du beste eskubide indartsuago bat dutelako isilean aitortua, haien desira kontrolagaitz eta ukaezin hori baliatzekoa. Betiko zokoan jokatzen ez jarraitzeko, ezetzaren esparrutik harago jo behar dugu. Hainbat uste eta baldintza jarri behar ditugu agerian eta kolokan: gizonei emakumeak erasotzeko baimena ematen dieten usteak, eta emakumeoi geure burua gizonengandik defendatzeko beharra ezartzen diguten baldintzak. Lehenik eta behin, halakoei babesa ematen dieten isiltasuna eta inkomunikazioa hautsita.
news
argia-319ab0974fed
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/julia-trias-eraso-instituzionalik-ez.html
"Eraso instituzionaletan espezializatutako fiskaltza lortu nahi dugu"
Saioa Baleztena
2018-09-09 00:00:00
"Eraso instituzionaletan espezializatutako fiskaltza lortu nahi dugu" Politologoa, migrazioetan aditua eta Giza Eskubideen aldeko Iridia Zentroko zuzendari teknikoa da Júlia Trias (Bartzelona, 1991). Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Zientzia Politikoen ikasketak amaituta, Londresen Refugee Protection and Migration Policy Studies masterra gauzatu zuen. Noiz eta nola sortu zen Iridia? 2014an eratzen hasi eta 2015 amaieran ofizialdu zen elkarte gisa. Gizarte mugimenduei aspalditik lotuta zeuden pertsonek sustatu zuten egitasmoa. Erronka nagusia zen gizartean, eraso instituzionalaren ondorioz agerikoa zen giza eskubideen urraketaren kontra, herritarrak babestea. Zein da zuen lan dinamika? Alor desberdinetan espezializatutako lan-talde bat osatu dugu, giza eskubideen urraketa pairatu duten herritarrei, debalde, laguntza integrala eskaintzeko: laguntza legal eta psikologikoa. Izan ere, sarri herritar asko zamatuta dagoela ikusi dugu: bidegabea den eraso instituzionalaren biktima izanik, bide legala eta psikologikoa lantzeko arazoak dituzte. Zerbitzu integrala eskaintzea ezinbestekoa da.   Nazioarteko esperientziaren batean oinarritu al zarete Iridia sortzeko? Iridia elkartea, eta batez ere, elkartearen baitan sortu dugun Eraso Instituzionalen kontrako Arreta eta Salaketa Zerbitzua (SAIDAVI), Argentinako Centro de Estudios Legales y Sociales (CELS) egitasmoan inspiratu zen. 30 urteko ibilbidea du Argentinako zerbitzuak, eta euren aholkularitza ere jaso dugu. Alegia, Iridia ez da abokatuen bufete bat, baizik eta, herritarren gehiengoarentzat ordezkagarriak izan daitezkeen auzien babeserako lantaldea. Zein balorazio egiten duzu orain arte egindako ibilbideaz? Txanponaren bi aldeak ikusi ditugu: batetik, ahalmen handiko baliabide bat eratzen ari garenez, konturatu gara gizartea zein legegintza aldatu daitezkeela; baina, bestetik, egitasmo aitzindaria izanik, erronka are handiagoa dela argi dago. Lan asko dago egiteko. Estatuak, egiazki, Espainian dauden eraso instituzional guztien gaineko erantzukizuna hartzea da jomuga. Eta badakigu hori egingarria dela eraso instituzionaletan espezializatutako fiskaltza baten bitartez.   Baikorrak zarete. Bai noski! Gaur egun, erronka honetatik gertuago gaudelako, duela hamarkada bat baino. Gizarte mugimenduaren gorakada gertatu da, M15a izan zen lehendabizi, eta aurten M8a ere adibide argia izan da. Gizarte mugimenduen gorakada nabaria da, eta uste dugu presio sozial horren bitartez aldaketak iritsiko direla. Hala ere, lan asko dago egiteko. Urriaren 1eko polizia erasoaren aurrean politikariek egindako deklarazioak ikusi besterik ez dago... Baina, epe ertain edo luzera begira, baikorrak gara, bai. Urriaren 1a diozu. Iridia erreferendumean Som defensores plataformaren sustatzaileetako bat izan zen. Nola bizitu zenuten? Iraileko miaketa eta gertakariak ikusita, 60 abokatu, 25 psikologo, 70 kolaboratzaile eta kanpoko beste 60 kolaboratzailek parte hartu zuten, urriaren 1ean herritarrei zuzenduta zegoen arreta zerbitzuan. Bi ardatzetan egin genuen lan: batetik identifikatutako hiru behatzaile zeuden, istiluak egon zitezkeen hainbat eskolatan banatuta. Eurek eskubideen urraketak kudeatzen zituzten, baina esku hartu gabe. Bestetik, abokatuen eta psikologoen taldeak Bartzelonako bi gunetan kokatu ziren, herritarren beharretarako. Aurreikusitako baliabideak motz gelditu ziren gero.    Noski, ikaragarria izan zen. Polizia erasoari erantzuna emateko Bartzelonako Udalak, Diskriminazioaren Kontrako bulegoaren bitartez, zerbitzu bat ireki zuen hiriko hainbat elkarterekin elkarlanean, tartean gu, biktima guztien harretarako. Bertan adin eta kondizio guztietako jendetza jaso genuen hilabete oso batez. 8:00etatik 18:00etara, hiru ordu laurdenero bisita bat jasotzen genuen. Lortu al duzue poliziak identifikatzea? Batzuk bai, baina oraindik asko falta zaizkigu identifikatzeko. Beste hainbat auzitan gertatu den bezala, identifikaziorik ez dutelako eramaten eta, hori gutxi balitz, fiskaltzak oso zail jartzen duelako. Ibilbide luzea izango da, ezin dugu ahaztu makro-operazio bat dela eta milaka kasu biltzen ditugula. Itxaropena dugu ondorio positiboa izateko, baina luze joango da.   Gobernua aldatu da Espainian, baina, erantzule politikorik ikusiko al dugu? Hori da gure eskaera: polizia erantzuleak identifikatzea, baina baita kargu politikoak ere. Izan ere, boluntarioen lanari esker egiaztatu dugu poliziek jokamolde ereduak errepikatzen zituztela, eta ondorioz, agerikoa da urriaren 1ean poliziek goiko agindu bat jarraitzen zutela. Lanean ari gara erabakiaren erantzuleak bilatzeko.    Zer gertatuko da politikari presoekin? Ezinbestekoa da preso politikoak aske uztea. Pedro Sanchezen gobernuak haiek gerturatzea keinu garrantzitsua izan da. Sedizio eta matxinada delituak egoztea zorakeria da, beraz, uste dugu gobernu aldaketak aurrerapauso gehiago eman beharko lituzkeela. Espainiako nahimen politikoaren araberakoa izango da Kataluniaren zerumuga.
news