id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-fb09e5e63a3f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/harrera-familiak.html | Aurrera egiteko ibilgailu | Irati Sarasua Arabaolaza | 2015-05-03 00:00:00 | Aurrera egiteko ibilgailu
Jatorrizko familiatik banandutako haurrentzako aukera dira harrera familiak. Gipuzkoako Foru Aldundiak gidaturiko programaren baitan, hiru motatakoak daude: boluntarioak, urgentziazkoak eta profesionalizatuak. Bizipen askotarikoak,
baina helburu bera erdigunean: haur horien ongizatea.
"Haur baten bizitza liburu baten modukoa da, ezin da 40. orrialdetik hasi, orrialde guztiak bete behar dira, maitasuna lehenengo unetik eman behar zaio, eta guk liburu horren kapitulu edo orrialde bat betetzen dugu, dagokiguna". Lucia Saizen hitzak dira. Urgentziazko harrera familia bateko kidea da, hau da 0 eta 3 urte bitarteko haurrei harrera familia bat lortu bitartean laguntza emateko prest dagoen familia bateko kidea. Hiru haur izan dituzte orain arte etxean, eta esperientzia polita eta, neurri berean, gogorra izan dela nabarmendu digu. "Lau hilabete gurekin igaro dituen haur batez banantzea oso gogorra da prest ez bazaude eta argi ez baduzu egiten duzuna dela egin behar duzuna". Haurra harreran hartzen duten unean ere badakite hilabete gutxiren buruan beste familia batengana edo haurraren familia biologikoarengana joateko unea iritsiko zaiola. Orduan dolua pasa beharko dute, baina horren ostean, beste haur batek ere euren laguntza beharko du.
Harrera familia boluntario moduan hasi zuen bidea kontu honetan Saiz-Martin familiak. Harreran hartutako haurra gerora adoptatu egin zuten, eta haur horrekin bizitakoak bideratu zuen familia urgentziazko kasuetan laguntzera. 2 urte zituen semeak, eta hor ireki zituzten begiak: umeari maitasuna falta zitzaiola sentitu zuten, eta egoera bera bizi zuten umeak laguntzen saiatzea erabaki zuten. Geroztik, hiru haur eta bizipen ugari izan dituzte.
Urgentziazko kasuetan, oso modu intentsuan bizitako hilabeteak izaten dira familientzat. Haurra etxean hartzen duten unean duten guztia, maitasun guztia ematen diotelako, euren haurra balitz bezala. Saizek dio ez dutela euren burua mugatzen haurra maitatzeko garaian, gero min gutxiago izateko beldurrez: "Dugun hori ematen diogu, gure etxean dagoen bitartean izugarri maitatzen dugu". Doluaren unea izaten da zailena. "Asko kostatzen da egun horretan haurra agurtzea, baina egun hori iritsi arte ez dut horretan pentsatzen". Horren ostean, orain arte etxean izan dituen haurren berririk ez du gehiago izan, baina eurekin pasatako uneak presente ditu.
Maite Yañezen kasua ezberdina da. Berak ere izan zuen haur bat urgentziazko egoeran, baina leku batetik edo bestetik, noizean behin, izaten du haren berri. "Haurra erabat hautsita heldu zen gurera, eta indartuago irten zen, hori ikustea ikaragarria da". Hasiera latza izan zela dio, haurra sufritzen ikusi zuelako eta eman ziezaiokeen bakarra maitasuna zelako. Gaur egun, harrera familia batean dago haurra, eta Yañezentzat zoragarria da jakitea hautsita hartutako haur hura ondo dagoela, zainduta dagoela eta maite dutela. "Nirekin bost hilabete pasatu zituen, eta bere berri izaten dudanean irribarre egiten dut, lotura hori beti izango dudalako barnean".
Ikaskuntza etengabea
Yañez pedagogoa da, eta bere ikasketak baliatuta harrera profesionalizatuan parte hartzea erabaki zuen duela sei urte. Adin txikikoak diren bitartean hartzen dituzte harrera profesionalizatuan: jaioberriak, desgaitasun edo buruko gaixotasunen bat dutenak, anai-arreba taldeak... Yañezek nerabe bat du etxean, behar bereziak dituen nerabe bat. Haurra zen etxeko ateak zabaldu zizkiotenean. "Hasiera ezagutza prozesu bat da, dituen beharrak eta eman diezaiokezuna ulertzeko eta bien arteko oreka bilatzeko prozesua. Maitemintzeko etapa da". Gero haurrak proban jartzen zuen, noraino emateko prest zegoen jakiteko, eta hori gaindituta urratsak eman dituzte pixkanaka. "Egunero lantzen duzun kontua da", dio.
Hiru seme-alaba ditu, eta harrerako haurra heltzean etxeko egoera asko aldatu zela du gogoan. Gune oso lasaia zena aztoratu egin zen, baina sei urteren ostean, guztiek elkar ezagutzen dutenez, egoera baretu egin da; elkar ezagutzeak asko laguntzen duela dio Yañezek: "Kasu honetan, maila pertsonalean dituen zailtasunak kontuan hartuta, oso garrantzitsua da uneoro ni bera dagoen lekuan egotea, babestu egin behar dut". Zainduta egongo dela dakien udaleku eta ekintzetan parte hartzen du nerabeak, baina beti ere babestuta baldin badago.
18 urte egin bitartean familia horretan egongo da, gero pisu berezi batera joango da. "Badakit zer gertatuko den, badakit alde egin beharko duela, baina nik oraina bizi dut, eta orain eta hemen bera nirekin dago". Atzera begira jarrita, zaila izan da esperientzia. "Etengabeko prestakuntzara behartu nau, bera etxean egon arte, agian nire familiaren ezaugarriengatik, behar izan ez nuen prestakuntzara, baina bera hemen egon eta onena eman nahi izateak sortu dit behar hori". Horrek guztiak profesional hobea eta pertsona hobea izatea eragin diola uste du eta bai berak bai seme-alabek asko ikasi dutela. "Pauso oso txikiak ematen ditugu batzuetan, baina beti aurrera goaz". Harrera profesionalizatua ez da maila profesionalera mugatzen, dio, maitatu egiten da, dena ematen zaio haurrari, bere bizitzaren parte bihurtzen zara: "Bere bizitzan aurrera egiteko orain behar duen ibilgailua naiz".
Yañezi oso garrantzitsua iruditzen zaio familia biologikoarekin duen harremana, horrek asko eragiten baitu nerabearen ongizatean. "Garrantzitsua da haiekin duen harremana, baita nik haiekin dudana ere; harreman ona izanda bera aterako da garaile, ez duelako gure artekoa borroka moduan ikusiko". Familia biologikoarekin harremana beti ez dela ona eta zortea izan duela argi du: "Eurak ulertu dute maite dugula eta zaintzen dugula, eta gure etxean berean eman ezin ziotena ematen diogula". Nabarmentzen du kasu batzuetan oso konplikatua izaten dela harreman hori, familia biologikoek ez dutelako uste euren seme edo alaba hobeto zainduta egongo denik beste etxe batean. Eta beste kasu batzuetan, koordinatzaileek erabakitzen dute egokiena dela familia biologikoaren eta harrera familiaren artean harremanik ez izatea. Jesus Mari de la Motaren kasuan, esaterako, haurraren ama biologikoaren ezkortasuna kontuan hartuta, horixe erabaki dute. Dena den, haurra amarekin egoten da bi astean behin, eta lotura hori inportantea da. "Egia da batzuetan haurrari urduritasuna eragiten diola amarekin egoteak, baina ondo ere badatorkio", azaldu du de la Motak.
Lotura, betiko
"Bera nire bizitzaren parte izango da aurrerantzean ere, berak badaki 18 urte betetzean ere hor izango nauela, beti", nabarmendu du Yañezek. Ideia berarekin bat egiten du Jesus Mari de la Motak; harrera boluntarioan haurra du berak. Hiru urte daramatza etxean duen haurrarekin ezagutza prozesu horretan murgilduta, eta bera da egun familiako erdigune.
Hasiera beti oso berezia izaten dela adierazi digu. Euren kasuan, haurra zegoen pisura joan ziren eta elkar ezagutu zuten lehenik; astean behin bi orduz bisitan joaten hasi ziren, gero larunbat batean etxera askaltzera eraman zuten, ondoren larunbat osoa pasatzen zuen familiarekin eta gero asteburu osoa. Urtarrilean bete zituen haurrak 3 urte de la Motatarren etxean. "Hasieran oso urduri zaude, haurrak gu nola ikusiko eta guk bera… Gero pixkanaka ohitu egiten zara, bakoitzak bere lekua bilatzen du familian, gutxinaka".
Eskolaz ere mintzatu zaigu de la Mota, bereziki etxean eta eskolan behar dutelako laguntza haurrok ongi egokitzeko. "Aldaketak oso gogorrak dira beraientzat, oso urduri jartzen dira, eta aldaketa hau oso handia izaten da". Jotzen eta bultzatzen duen haur horren atzean zer dagoen azaleratu nahi dute eskolan, nola lagun diezaioketen pentsatzen eta horretan sakontzen ari dira. Bizitza duinagoa izateko lanean ari dira, gainerako haurrek dituzten bizipenen antzekoak izan ditzan.
Beste bi elkarrizketatuek dioten moduan, bidea ez da erraza izan de la Motarentzat, baina erabakia hartu zutenean bazekiten hori. Ikastaroa egiten da haurra etxean hartu aurretik, eta bertan guztia oso argi ikusten dela azaldu du: "Haur hauek jasan dutena azaleratzen da, ezinbestean. Askok oso bizitza gogorra izan dute, esperientzia benetan latzak. Harremanak egiteko arazoak izaten dituzte sarri eta egoera hori bizi duen haur batek oso bide zaila izango du, guztiak du eragina".
26 urteko semea du bikotekidearekin, eta bizitza goitik behera aldatu zaie, baina atzera egin eta gauza bera egingo luketela garbi du. Jendea berdin jokatzera animatu du. Izan ere, ume hauei bizimodu hobea emateko prest dauden harrera familia gehiago behar dira. Gipuzkoan, esaterako, 329 haur daude egoera honetan, horietako 273 harrera familiaren batean, eta 38 dira familia behar duten umeak. Denek esan digute: zaila da, ez da bide erraza, baina merezi du, esperientzia izugarria da, eta haur horiengan dituen eragin positibo guztiak ikusteak betetzen du. | news |
argia-c4d447d9bc21 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/mediterraneoko-hobi-komuna.html | Mediterraneoko hobi komuna | Juan Mari Arregi | 2015-05-03 00:00:00 | Mediterraneoko hobi komuna
Mediterraneoa hobi komuna bilakatu da azkeneko urteetan. Han daude makina bat lagunen gorpuzkinak, gosearen eta gerraren biktimak, batez ere Afrikatik eta arabiar herrialdeetatik joandakoak. Zenbat ote dira? Ez dakigu, ezta inoiz jakingo ere. Badakiguna da milaka izan daitezkeela. Aurten 1.700 hildako zenbatu dira, goseak daudenen eta errefuxiatu politikoen "paradisurako" pasabide den horretan. Seguruenik dagoeneko beste ehunka lagunek bizitza galdu dute, oraintxe baita migrazioen momentua. 2014an 3.279 hildako izan ziren, 2013an 700, 2012an 500 eta 2011n 1.500. 2000. urtetik 23.000 inguru hil dira. Historia makabroa gehiegitan errepikatzen da eta gure kontzientziatik azkar ezabatzen dugu, azkarregi.
Europako erakunde eta gobernuak orain arte oso gutxi arduratu dira arazoa errotik konpontzen, mugak itxi eta hesiak jartzeko ez bada. Eta badakite konponbidea non dagoen: gosea eta gerrak deuseztatzea. Etorkinen erdia gerran dauden lurraldeetatik dator. Egia da hori ez dela egun bakarrean konpontzen. Gosea desagerrarazteko mekanismoak jarri behar dira martxan: garapen ekonomikoan inbertitu eta herrialde horien baliabide naturalak errespetatu, bertako herritarrek ez dezaten emigratu behar izan. Europa Afrikarekin duen zor erraldoia pagatzen hasiko litzateke horrela, iraganean egindako eta egiten jarraitzen duen bere aberastasunaren espoliazioa dela-eta. Gerra saihesteko mekanismoak ere behar dira. Petrolioaren kontrolak eta gasak gerra ugari leherrarazi dituzte, eta horien atzean munduko potentzia handiak daude. Potentziok armak saltzen dituzte gainera, euren interesen arabera. Eta hala, milaka lagunek ihesari ekiten diote, Sirian 4 milioi errefuxiaturekin gertatu den moduan.
Bitartean, eguneroko tragediak segituko du. Ez ditugu pertsonak salbatuko mugak gogortzen baditugu. Bizitzak salbatu behar ditugu. Ezin da inor itsasoan utzi. Europako erakundeek, oinarrizko arrazoiak ahaztu gabe, giza baliabideak, materiala eta dirua jarri behar lukete Mediterraneoan dagoen hobi hori handitzen joan ez dadin. | news |
argia-5645a4f155c5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/aipatzen-ez-den-klabea-eaj-eh-bildu.html | Aipatzen ez den klabea: EAJ-EH Bildu | Xabier Letona | 2015-05-03 00:00:00 | Aipatzen ez den klabea: EAJ-EH Bildu
EH Bilduk bakegintzan aurrera egiteko aurkeztu duen bide orri berriak badu barrura begirako logika bat eta badu gizarteari begira egindakoa. Barrura begirakoan, 2011tik hasitako urratsetan, eta batez ere Aieteko Konferentziaren bultzadan oinarrituta, EH Bilduk gatazkaren konponbidean jarri zituen bere indarrak.
Funtsean, hiru ardatz garrantzitsu izan ditu ezker abertzalearen jardunak harrez gero: bat, bake prozesuaren bideratzea; bi, 2011ko udal eta foru hauteskundeen ondorioz berreskuratutako esparru instituzional garrantzitsuan jardutea eta berriak eskuratzeko ahaleginean sakontzea; eta hiru, prozesu soberanista elikatzea. Nola josi dena?
Bake prozesua eta esparru instituzionalean egonkortzea –ilegalizaziotik zetorren ezker abertzalea– hobetsi ziren, ETAren amaiera aldebakarrekoa euskal gizartean alde anitzeko elkarrizketa prozesua bihurtuko zelakoan, edo hori lortu guran behintzat. Hiru urtetan bederen ez da lortu alde anitzeko prozesurik. Espainiako PPren gobernua erabat itxita eta erasoan da; PSE bere arazoetan murgildua eta EAJ urratsak emanez, baina presarik gabe ere. Eta euskal gizarteak aurrera egin nahi badu ere, PPren erasoak arbuiatzen badira ere, "hau da bakea" gisako bat ere sustraitzen doa apurka.
Eta akaso bakea horrelako zerbait da, baina ez guztiz, iraganeko mamuak hor izateaz gain, oraindik gatazkaren mina hor dagoelako, bereziki preso eta iheslarien bizkar, baina baita biktimenean ere, oraindik bide egokian garatzeko oinarri sendo eta partekatuak finkatu barik. Horretan da orain gakoa bake prozesua desblokeatzeko interes handiena duen ezker abertzalearentzat, ea nola uztartzen dituen bakearenak eta beretzat proiektu politiko gisa garatzeko funtsezkoa den proiektu soberanista. Eta badirudi horien uztartzetik datorrela oraintsu aurkeztutako bakerako euskal bidea. Rafa Diezek joan den igandean Berria ri emandako elkarrizketaren esaldi honek balio dezake egoera ilustratzeko: "Hari bakarra du bideak, aldaketa politikoa, eta bertan integratu behar ditugu gatazkaren ondorioak".
Lau esparru zehatzetan aurrera egitea proposatzen du joan den igandean aurkeztutako Bakerako Euskal Bideak: biktimak eta memoria, preso eta iheslariak, armagabetzea eta desmilitarizazioa. ETAren amaieran bakarrik ez, bake prozesuan ere aldebakartasuna aldarrikatzen du, euskal gizarteak egin dezala bere bidea Madrili begiratu gabe.
Presoen eremuan eman daitezke urratsak aldebakartasunetik, batez ere presoek euskal gizarteari helarazi diezaioketen mezuarekin –autokritika–, baina giltza Espainian eratuko den gobernu berriarena da. Zein ote? Lau esparruetatik gaitzena da. Biktima eta memoriaren esparruan ere ezker abertzaleak eman ditzake pauso berriak, batez ere kalteen eta erruen onespenari dagokionez; keinu batzuk ere ikusi dira oraingo proposamenean. Giza eskubideak bermatu beharraz harago, desmilitarizazioa aldarrikapena da batez ere, beste dena aurrera ateratzean epe ertainera bidera daitekeena.
Eta aurrera egin daitekeen punturik garrantzitsuena orain –lehenago ere bai– ETAren armagabetzea da. Indar handia jartzen da armetan eta badirudi urrats handienak esparru horretan emango direla aurrerantzean. Hori litzateke logikoena, gaitza izan arren aurkeztutako lau esparruetatik egingarriena delako, sinbolismo handikoa eta gaur egun euskal gizartea bake prozesuratzeko ezker abertzaleak duen tresnarik eraginkorrena. Eusko Jaurlaritzak bere parte-hartzea eskaini zuen 2014ko amaieran eta ezker abertzaleak ez zuen ondo hartu. Orain ezker abertzaleak eskatzen du Eusko Jaurlaritzaren partehartzea. Proposamenak eta jarrerak egiazkoak badira, topatuko dira moduak.
Egiazki, bake prozesuaren klabe garrantzitsuena zehatz aipatu gabe dago proposamen honetan, nahiz eta lerro artean antzeman daitekeen: EH Bilduk eta EAJk bakegintzari buruzko oinarri bateratu batzuk partekatzea behingoz eta horien ardatzean apurka aurrera egitea. Bakoitza bere gizarte eredu eta proiektu politikoan tinko, baina biak bake prozesua minimo batzuetatik elikatzen. Errail horien gainean euskal gizarteak ere eman ditzake urratsak, bestela nekez. Hori posible ez bada, ahaztu planekin, ez dira eraginkorrak izango. | news |
argia-cb8b6444abba | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/maiatza-urte-guztiaren-ardatza.html | Maiatza, urte guztiaren ardatza | Enrike Diez de Ultzurrun Sagal� | 2015-05-03 00:00:00 | Maiatza, urte guztiaren ardatza
Jende guztia dabil nerbiostua. UPNkoak batez ere, eta jakina, aldez edo moldez Nafarroako egungo egitura instituzionaletik ederki bizi izan direnak oro. Karrikako giro zehatz bati kasu egitera, behintzat, urte sail luzean agintean egon direnek aski arrazoi badute urduri baino urduriago ibiltzeko. Kontua da arras bertzelako giroak daudela Nafarroan, eta horiek isilik daude. Baina egia da UPNk lehen aldiz arazo handiak izan dituela udal zerrendak egiteko (baita Erriberan ere) eta kalapita ederra izan zutela Parlamenturako hautagaitza osatzeko; egia da, halaber, inkestek –agertutakoek nahiz isildutakoek– eskuindarrei beherakada handia iragarri dietela, eta bidenabar Uxue Barkosen aukerak nabarmendu dituztela, eta nekez iritsiko direla 26ra, PSNren, PPren –sartzen bada– eta Ciudadanosen (C´s) botoak batuta ere. Kasu egin beharko zaio, hain zuzen, ezerezetik hauspotu duten azken indar horri, indarrean heldu baita, eta gauza jakina da Estatuko joerek eragin handia izaten dutela beti Nafarroan. Podemosek udazkenean goia jo zuen bezala (Navarrometroa, horren lekuko), orain iduri du C´sen aldia izanen dela, eta UPNren nahiz PPren jokabidearekin haserre etxean gelditzekoak ziren zentro-eskuineko boto-emaile frankok C´s bozkatuko dutela.
Jakina, aldaketaren alde dihardutenek ezinbestean iritsi beharko dute gehiengo osora. Bildu, Geroa Bai eta Ezkerra ari dira horretan, zein bere esparruan, eta Podemos ere bai. Baina, joan den larrazkeneko sukarra hoztuta, ikusteko dago zer eginen duen Pablo Iglesiasen alderdiak bertzelako gobernua bozkatzean, ez baitugu atzendu behar zer proposamen izan duten aztergai; hots, UPN gobernatzen uztea, gutxienez Madrilgo Kongresurako hauteskundeak egin arte. Javier Esparzak, bitartean, munduan diren eta ez diren zoritxar guztiak iragarri ditu, gobernua aldatzen bada; ikastetxe itunduak itxiko direla, adibidez. Hain zuzen, Iruñeko zuzendari batek asteon irakasleei erran die UPN bozkatu beharra dagoela, ikastetxeak zabalik iraunen badu. Baina beldurrak beldur, oro har, enpresa, finantza, hezkuntza eta bertze arlo batzuk jada barneratzen hasi dira aldaketa egiazki gerta daitekeela eta, badaezpada ere, mezuak helarazten ari zaizkie aldaketaren eragile izan daitezkeenei. Beraz, aurten benetan izan daiteke maiatza ardatz, belaunaldi oso baten ardatza. | news |
argia-251bac2483dd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/mcintosh-sagardoa.html | McIntosh sagardoa | Jakoba Errekondo | 2018-09-30 00:00:00 | McIntosh sagardoa
Egia esanda, gure etxeko sagastietatik kanpo, ez dut Euskal Herrian beste inon ezagutzen sagar aldaera hau. Istorio luzea du, irakurtzeko hobe duzu esertzea.
Gure amona, Joxepa Aizpurua Irazu zena, gero Aizpurua Sagardotegia izango zenean jaioa zen. Aurrez ere dolare-baserria izan zen, baina gerora, duela ehun urte inguru, orduko sagardotegirik aurreratuenetako bat izan zen, Zubietan, Usurbil aldamenekoan. Bere anaia Danielek eratu zuen sagardotegia, baina gerra zela-eta alde egin behar izan zuen. Bueltatu zenean berriro ekin zien sagastietako eta sagardotegiko lanei.
Sagarretan ere tarteka izaten da ezurtea, esaerak hala dio "ezurtea, ez sagar eta ez ezer". Sagarrik ez den urtea azkenekoa da ia pitarra eta sagardoa soilik edaten diren lurraldean. Frantzian eta Asturiesen sagardogintzan gertatzen ari ziren aldaketak eta berrikuntzak ezagunak zituen Danielek. Ez dakit ezurtea zelako edo proba edo saio bereziren bat egin nahi zuelako, lehengo mendeko 40ko hamarkadaren amaiera aldeko udazken batean, Asturiesen sagar jakin baten karga mordoxka bat erosi eta ekarri zuen. Egurrezko fruitu kaxetan txukun-txukun trenez etorri zen Txikierdiko geralekura. Handik galeran edo karroan dolarera. 6.000 litro inguruko upela bete zuen sagar haien muztioarekin. Zenbaiten iritziz, sekula edandako sagardorik onena eman omen zuen. Garai hartan ere, monobarietala edo sagar aldaera bakar batekin egindako sagardoa. Gaur egun, etorkizun handiko bidea igartzen zaio aldaera bakarrarekin egindako sagardoari. Are etorkizun oparoagoa izango du, sagardo hura bezala haritzezko ( Quercus robur ) upelean ondua izango denak; denbora izango da lekuko.
Handik hogeita hamarren bat urtera, Danielen ondorengo hiru joan ginen Asturiesera, sortu asmo genuen sagasti berrirako mentu bila. Garai batean hain emaitza sonatua izan zuen sagar aldaera hori ere ekarri genuen, noski. Sagasti horretan dago sagar aldaera hori, oraindik ere.
Sagar aldaera horrek eman dio izena gaur egungo mundu mailako negozio handienetako bati, "sagarra" izenez ezagunak diren ordenadoreak, ingelesezko apple alegia. Eta sagar aldaera McIntosh da, Malus domestica "McIntosh", motzean "Mac" esaten diogun hori. McIntosh sagardoa. | news |
argia-ac31b0230b93 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/mamadou-oury-diallo.html | "Nire bizitza beste askorena da" | Z. Oleaga | 2018-09-30 00:00:00 | "Nire bizitza beste askorena da"
Mamadou Ouryren bizitza oztopo lazgarrien kate baten eta horiek gainditzearen lekukotasuna da. Jaiotzetiko pobrezia Ginea Konakryn, Europara bidaia pateran, Almeriako plastikozko itsasoa, Arabako adingabeen zentroetako tratu txarrak eta kanporatze saiakera ilegalak, bizileku-baimena lortzeko ezin konta traba. Lekukotasun hau milioika pertsonaren historia konpartitua da. Atzo bezala, gaur ere bai.
Nolako haurtzaroa izan zenuen?
Ginea Konakryn jaio nintzen, Telimile herrialdeko herrixka batean. Inguruko herrietan bazen eskolarik, nirean ez. Aitzineko jendeak zioen, "ez dut nire umea eskolara bidaliko". Zuriena baitzen eta zuriak gorroto zituzten, zuriek beltzak gorroto zituzten modu berean. Landan arroza eta zenbait zereal lantzen genituen. Etxe inguruan artoa, juka edo patata. Familia behartsua ginen: goizean jan, eta ez zenekien zer afalduko zenuen. Sei anaia ditut.
Behin, merkatuan baso fruituak saltzen zirela ikusi nuen. Basora joaten hasi nintzen, fruituak jaso eta merkatuan saltzeko. Koskortzean, 10 urterekin hasi eta 15ak bete arte, hiriburuko merkaturaino hurbiltzen nintzen. Gauza asko saldu eta erosten nituen. Kalean egiten nuen lo lagun batekin. Ondoren, Ginea Bissaun saltzaile ibiltari hasi nintzen. Gambiaraino bidaiatzen nuen arropa erosi eta Ginean saltzeko. Amaierarako diruren bat egina nuen, baina zorte txarra izan nuen, aurreztutako dirua lapurtu zidaten.
Orduan erabaki zenuen alde egitea?
Angolara nahi nuen, herri aberatsa. Prozesu horretan ari nintzela, lagun baten lagunak "ni Espainiara noa" bota zidan. "Europara! Iritziz aldatu dut, banoa ni ere". Gutako askok ez genion ezer aipatzen familiari. Astebetean irtetekoa zela esan zidan, paterarako 600 euro zirela. Anaiari esan nion Gambiara nindoala merkantzia bila, eta Senegalera jo nuen. Nik uste nuen autobusa hartzearen parekoa zela, txartela hartu eta irten.
Odisea latzari ekin zenion orduan.
Horrela zen: zuk joan nahi duzu, irten nahi duen jende gehiago bilatzen duzu, jende horrek beste jende bat... patera bete arte, orduan irteten zara. Ordea, beti esaten dizute bihar irtengo zarela. Eta behin ordainduta diru hori ez dizute inoiz bueltatuko. Inoiz ez. Ni eta beste pertsona asko murruz inguratutako etxe batean giltzaperatu gintuzten. Esaten ziguten ezin genuela irten, poliziak atxilotuko gintuela patera hartzea debekatuta zegoelako. Baina iruzur egiten ziguten. Ez duzu inor ezagutzen, ezta hizkuntza ere. Gure dirua eman behar genien janaria eros ziezaguten, eta egoeraz baliatzen ziren diru askoren truk jaki gutxi emateko. Protestan hasi ginenez, irla batera eraman gintuzten. Baina jende gehiago behar zuten oraindik. Irlan ahaztu ezinezko lau egun pasatu genituen [barre].
"Esan zidan paterarako 600 euro zirela. Nik uste nuen autobusa hartzearen parekoa zela, txartela hartu eta irten. Ordea, beti esaten dizute bihar irtengo zarela. Eta behin ordainduta diru hori ez dizute inoiz bueltatuko"
Zenbat lagun zindoazten pateran?
180, estu-estu. Aipatutako lau egun zoragarri horiek "Irla mortuan" igaro genituen, horrela zuen izena. Ura, itsasoarena; jana, zero. Itsasoratu aurretik nork bere ura erosi behar zuela esan ziguten, baina ontziratzean dena kendu ziguten. Haiek emango omen ziguten denetatik. Sinetsi dezakezu edo ez, baina ezin duzu deus egin. Ezetz esan eta bueltatzen saiatzekotan ez dizute utziko, ondoren beste batzuek ez baitute bidaiatu nahiko. Hilko zaituzte. Ur botila batzuk eta baso bat utzi zizkiguten. Ez zen inor hil, baina ia-ia. Laugarren eguneko gauerdian patera heldu eta oihukatzen digute, "bagoaz!". Hor gelditzekotan, hor gelditzen zara.
Kanarietara bidean, azkenik.
Hamar egun. Ez nuen begirik bildu hamar egunetan. Hor bai izan genituen jana eta edatekoa, ontziratzean lapurtu zigutena. Haiek banatzen ziguten. Itsasoz bidaiatzen nuen estreinako aldia zen. Igerian banekien pixka bat, jaioterrian ibaia genuelako. Gure kasuan denok heldu ginen. Batzuek burua galdu zuten, ez hitz egin ez ezer. Hil inor ez, baina desagertu...
Salbamendu-taldeei laguntza eske aritu zineten eta ez zizueten eman, ezta?
Heldu aurreko egunean, atzera egitea pentsatzen hasi zen jendea. Baina kapitainak ezetz esan zuen. Ez zegoen bueltarako adina gasolinarik, saiatu beharra zegoen. Jendea erdi hilda zihoan, ni gaztea izanik zer edo zer hobeto nengoen. Gau hartan patera apurtu eta ura sartzen hasi zen. Itsasoa oso harro zegoen. Hor bai pentsatu nuela hiltzera gindoazela. Gaua zen, asko ez ziren ezertaz ohartu, erdi hilik erdi lokarturik. Azken egunean, arratsaldeko bostak aldera salbamendurako itsasontziak eta helikopteroak begiztatu genituen urrunean. Ez ziguten kasurik egin, gehiago sufritzen ari ziren beste batzuk egongo ziren eta haiengana jo zuten. Gauerdira arte ez ginen heldu.
Lurreratzean, poliziaren eskuetara. Kanarietan 40 egun eta Madrilen beste bost. Handik Almeriara joan zinen zu bakarrik, plastikozko itsaso famatuetara. Lortzen zenuen lanik?
Hasieran ez, gero noizbehinka. Tomatea, alberjinia, piperra. Eguneko 30-32 euro ordaintzen zizkiguten [2008a zen]. Hartzen ez nindutenean, merkatuetara joan eta CDak saltzen nituen. Jendeak erosten zuen, baina polizia agertzean dena botata korrika irten beharra zenuen. Ni beldurrez egoten nintzen, CDekin atzemanez gero paperik ez zenuela inoiz lortuko esaten zen-eta. Urtebetez horrela.
Eta urtebete igarota, Euskal Herrira.
Gasteizerantz abiatu nintzen, herrikide baten bitartez. Heldu eta esaten dit "goazen Udaltzaingoarengana". Nik, nire artean, "hara, beti polizia!" [barre]. Aldundira eraman ninduten, adingabeen ardura hark du, Zabaltzen zentrora. Zentroan bi hilabetez egon ginen, hortik Estibalizera. Han beste bi hilabete, eta azkenik Bide Berrira sei hilabetez. Denak mutilak ginen. Afrika hegoaldekoak, aljeriarrak, marokoarrak, 30 inguru. Esnatu, gosaldu, ikastera joan eta buelta zentrora.
Gero okerrera egin zuen denak.
Ez dakit zer gertatu zen, nik uste ez zutela gutako gehiago etortzerik nahi, eta egoera gogortu zuten. 18 urte betetzean bizileku-baimena izateko paperak egiteari utzi zioten. Eta zentroan arazo txikiengatik zigor handiak jartzen hasi ziren. Adibidez, esnea gehiago berotzea eskatzeagatik. Behin hezitzaile batek jo egin nahi izan ninduen, baina ez nion utzi. Horrelakoak izaten ziren, ez askotan, baina izaten ziren. Bazen karatea egiten zuela esaten zigun hezitzaile bat, horrek bai gustuko zuen jotzea.
Aurrerago, koordinatzaileak bulegora deitu gintuen gutako hiru. Paper batzuk aurkeztu zizkigun, esaten zutenak ez ginela adingabeak. Aldundiak egin zituela esan zigun, sinatu beharra genuela. Guk ezetz, gure legezko pasaportea bagenuela, poliziak gure dokumentazioa zuela. Hark erantzun poliziak gure hatz-markak aztertu zituela, adingabeak ez ginela probatu zutela. Dena gezurra zen. Sinatzea nahi zuen, paperak Aldundira eraman eta gu izorratzeko. Guk ez genekien irakurtzen. Ez genuen sinatu, eta ondoren gure kontra egin zuten gogor. Gu ere errebelatzen hasi ginen, guztiak. Gutako hiru "matxinadaren" arduradun izendatu gintuzten, eta oso zigor gogorra ezarri nahi izan ziguten: gela banatan giltzapetuta, erabat bakartuta hiru astez. Orduan, zentrotik ihes egin genuen denek batera.
"Gertatuko zena jakin izan banu, ez nintzatekeen etorriko. Baina norbaiti esaten badiozu 'ez joan, %70a ez da pasatzen', esango dizu: 'Beno, %30a bai, agian horietako bat naiz'"
Dimentsio publiko handia hartu zuen gaiak. Gasteizko norbanakoek eta mugimendu herritarrek osatutako sareak eman zizuen babesa.
Bai, ordurako gure berri bazuten. Batzuk Zaramagako elizara, hiru meskitara, beste asko lagunen edo pertsona solidarioen etxeetara joan ginen. Bartzelonan edo Madrilen kontaktuak zituzten zenbaitek alde egin zuten. Hori da zentroak eta Aldundiak nahi zutena. Lau egunen ostean zentrora bueltatu ginen. Aldundia, paperei dagokienez, bere betebeharrekin konplitzen hastea lortu genuen.
Zentrotik kanpo, fase berri bat hasten da. Urtebeterako bizileku-baimena zenuen, lan egiteko baimenik gabe. Baimena berritzeko, aldiz, lan-kontratu bat aurkeztu beharra zenuen.
Zaila da azaltzen, baina ohikoa da hemen. Ez duzu lan-baimenik, urtebeterako kontratatzeko prest dagoen norbaitek soilik kontratatu zaitzake. Mirariz aurkitzen baduzu, esango dizu: "Etorriko zara bihar lanera?". Ezin duzu. Izapide piloa egin behar baituzu, gutxienez hiru hilabetez luzatuko direnak. Hortaz... agur lanari.
Zoro baten gisan aritu nintzen lan bila. Kontratu baten truke dirutza eskatzen dizun jende piloa dago. Are larriagoa: gerta daiteke ordaindu ondoren kontratua ez egitea; mafioso asko dago. Horrelako kasu asko ezagutu ditut.
Zenbat lanetan aritu zara ordutik?
Gasteizen soldatzaile aritu naiz, garbiketan ere toki ugaritan. Gaztelania, soldadura, pintura, elektrizitatea, telekomunikazioak eta garbiketa ikasi dut. Alemaniara eta Andaluziara ere irten naiz lan bila.
Nola zaude orain?
Bost urterako bizileku-baimena dut; hurrengo urtean amaitzen zait. Berritzeko arazorik ez izatea espero dut, teorian, behin bost urtekoa lortuta, erroldarekin nahikoa da. Teorian, legeak aldatu egiten baitira... Bestela, ondo antzean nago, Hala Bedi tabernan lanean, baina ordu gutxi. Gehiagoren bila nabil, beti bila.
Ohiz kanpoko bizitza izan da zurea?
Nire historia gutako askorena da. Jende pobre askoren burutazioa da: "Ni banoa, zer edo zer lortu arte ez naiz bueltatuko". Gertatuko zena jakin izan banu, ez nintzatekeen etorriko. Baina norbaiti esaten badiozu "ez joan, %70a ez da pasatzen", esango dizu: "Beno, %30a bai, agian horietako bat naiz". Arriskatu beharra dago, ezta? Eta Europarantz irteten dira. Askok buelta hartzen dute, ez pentsa, asko hiltzen dira. Batzuek bost urte daramatzate Saharan, igaro ezinik. Kontatu didatenez, Sahara patera baino latzagoa da, asko gosez hiltzen dira.
Besterik esan nahi?
Gu pertsona normalak gara. Bizimodua ateratzeko asmoz etortzen gara, eta espero ez genuena aurkitzen dugu. Hala eta guztiz ere, eutsi egiten diogu, borroka egiten dugu. Hemen, arrazakeria ez da askotan hitzez adierazten, baina bai bestela, igarri egiten da. Hiri barruko autobusean eseri, eta badakit ez zaidala inor ondoan jarriko. Nik autobusean erregea ematen dut, lepo egonik ere, beti baditut bi leku niretzat [barre].
"Modu askotan sufritu dut, inoiz ez ama hil zitzaidanean beste"
Familia laguntzeko diru bila irten zinen. Hamar urte joan dira...
Ni bezala bidaiatzen dugunok, pentsatzen dugu: "Pasatzea lortuz gero, nahi duzunean lan egin ahal izango duzu, nahi beste, nahi bezala irabaziz". Hona heldu, eta a ze aldea. Nik ikusten dut zer dagoen, baina nik lehen pentsatzen nuen berbera pentsatzen jarraitzen du familiak: "Heltzen bazara jada dirua duzu". Zergatik gertatzen da hori? Ba, adibidez, mutil batek lana lortu eta hilean 100 edo 300 euro bidaltzen baditu, hori dirutza delako. Familia ondo egongo da, etxea egingo du... Jendeak %3 horri soilik begiratzen dio. Ez itsasoan hil direnei, ez etorri ostean bueltatu ezin direnei, gehiengoari. Batzuek paperik ere ez dute lortzen, beste batzuek bai baina lanik ez, hemen zahartzen dira. Esku-hutsik ezin zarelako bueltatu. Begira niri, hamar urte daramatzat. Anaiak ezkondu egin dira, gauzak gertatu dira. Badakizu zer esaten didaten? Inutila naizela. "Denbora asko daramazu han, ez dirurik ez ezkondu ez ezer". Ahaleginik egin ez dudala uste dute, horregatik ez dudala deus lortu. Edo zikoitza naizela diruarekin, izan badudala baina ez dudala banatzen. Dirurik ez badut, ez dut deitzen.
Urteotan gertaera lazgarririk ere izan duzu familian.
Toki eta modu askotan sufritu dut, baina inoiz ez ama hil zitzaidanean beste. Egunero oroitzen naiz harekin. Han bazaude, familiarekin, eramangarriagoa izan daiteke, baina kanpoan egonik... Nire anaietako batek etorri nahi izan zuen, ni aurka nengoen. Malitik saiatu zen Aljerian sartzen, eta tuareg batzuek bahitu zuten. 3.000 euro eskatzen zituzten ez hiltzearen truke. Beldurra pasa zuen, torturatu egin zuten. Hemengo eta hango jende askoren laguntzari esker, bizirik eta libre da egun.
Harremanak ez dira errazak, baina elkartasun sareak daude.
Egoera oso zailak bizitzen ditugu. Nik, herrikideen artean, benetako lagunak, behar duzunerako dauden horietakoak, gutxi ditut. Hori bai, ezagutu edo ez fula hiztun heldu-berri bat ez dute kale gorrian utziko, inguruan beste fularik baldin bada. Aldi baterako aterpea ziurtatua du, gero bere bidea egin beharko du.
Afrikan, gure herrixkan, eskola bat eraikitzen ari gara guztion artean, oraindik ez dugu eskolarik eta. Kanpoan gaudenok eta ahal dugunok materialerako dirua jartzen dugu, eta herrian jarraitzen dutenek eraikuntzan hartzen dute parte.
Mamadou Oury jaio zen etxea. | news |
argia-ea410604686c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/antton-olariaga.html | "Marrazkiekin testu eta azalpenei osotasuna ematen saiatu naiz" | Garazi Zabaleta | 2018-09-30 00:00:00 | "Marrazkiekin testu eta azalpenei osotasuna ematen saiatu naiz"
ARGIAk atera berri du Landareak Lantzen 2019, hilabete bakoitzean eta astez aste, ilargia kontuan izanik baratzean egin beharreko lanak azaltzen dizkigun agenda-liburua. Bertako ilustrazioak Antton Olariagak eginak dira, beste behin. Altza Porru komikian eta iazko Landareak Lantzen agendan ere parte hartu zuen marrazkilari usurbildarrak. Aspaldian dira konplize bihurtuak Jakoba Errekondo eta biak baratzeko iraultza honetan…
Bizi Baratzeko hainbat proiektutan hartu duzu parte azken urteetan. Zer du baratzeak gai horren bueltan horren gustora marrazten aritzeko?
Zer daukan baratzeak? Bada, nire ezjakintasuna! Ideiarik ez daukadala gai horri buruz. Orduan, halako "xerpa esperto" bat aurrean izateak zerbait ikasteko eta umore klabean elkarrekin lan egiteko aukera ematen dit, eta horrelako aukerak ezin dira baztertu. Azken urteetan pixkanaka konplizitate handia lortu dugu bion artean, eta ni oso gustora nabil, ederki pasatzen eta ikasten. Gainera, produktu ezberdinak izan dira denak ere: komikiak, ilustrazioak… Jakoba Errekondoren diskurtso eta azalpenetara egokitu behar hori gustuko dut, hizkuntza grafiko bat testu horiekin ezkontzeko saiakera hori.
Bigarren aldiz atera da Landareak Lantzen aurten. Mantendu dira iazko zenbait marrazki ala guztia berritu duzu?
Beno, egia esan Landareak Lantzen en testua da nagusi, ematen den informazioa. Jakina, marrazkiek ere bere informazioa ematen dute eta horiek irakurtzen jakin egin behar da. Saiatu naiz marrazkien bidez ahalik eta garbien adierazten, baina ez notarioarena eginez, bakarrik testuetakoa kopiatuz, baizik marrazkiekin guztiari osotasuna emanez. Iazko agendatik keinu batzuk errepikatu bai, baina ukitu batekin zabalduz edo zenbait gauza pixka bat aldatuz. Proportzio oso handi batean erabat berriak dira marrazkiak. Aurtengo agenda honetan gaia lan-tresnak izan dira gainera…
Eta zer moduz moldatu zara lanabes horiek marrazterakoan? Ezagutzen zenituen lehenagotik edo Errekondoren laguntza behar izan duzu?
Tresnei buruz nik justu-justu nekizkienak aitzurra, igitaia, eta besteren bat ziren. Besteak bistaz ezagutu bai, baina zehazki zein lanetarako, noiz eta nola erabiltzen diren ez nekien. Kalekumea naiz ni! Beraz, Errekondok bai hitzez eta bai idatziz testuetan pasatu dizkit argibideak, eta tresna horien inguruan ikasteko bestelako elementu grafikoak pasatzeko ere eskatu nion. Gero, askotan esaten zidan: "Aizak, hau horrela hobeto" edo "beste hau aldatuta borobil geldituko litzateke"… Bera izan da nire maisua. Eta ni bere oinetara esklabu (kar kar). | news |
argia-7b3b80b4f99d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/zuri-behin-behineko-kontratupeko-horri.html | Zuri, behin-behineko kontratupeko horri! | I�aki Murua | 2018-09-23 00:00:00 | Zuri, behin-behineko kontratupeko horri!
Hitzarmenak kontratu bilakatu ordez kontrakotu ditugun garai hauetan, berrogeitaka urte lan kontratu amaigabean arituta, bizitzak ziurgabetasun osoan ezarri nauenean, urtero lan kontratua luzatuko ala etengo zaien jakin gabe eta etorkizuna etorkin duten arren, daukaten onena ematen ari diren langile horiei, begirunez eta goxotik.
Oharra:
1. Goitik behera eta ezkerretik eskuinera irakurtzeko antolatuta daude bertsoak, gure gizarteko politikaren ildo eta noranzko berari jarraituz.
2. Ez dut ezer bare, barraskilo, apo, zizare… eta kuadrila horretakoen kontra, nire landareak jaten dituztenak badira ere, horiek ere bizi behar dute. Aldiz, dena dut gizaki irensleen eta giza eskubideen urraketan ari diren zomorroen eta sitsen kontra.
Hona jubilatu bat
eta bere penak
bota baitizkiote
landare onenak
aldakaitzak kenduta
loretan zeudenak
sasoiko, ganorazko,
polit, ederrenak
bat-batean zapuztuz
ilusio denak.
Hoberenak kenduta
nagusi bareak
barraskilo, apoak
eta zizareak
ziraun, musker, satitsu,
sator, uhandreak
arrabio, txalburu
nahiz erbinudeak…
Bidea noren esku
du eskubideak?
Bale, indarrari men
egin eta kito!
ilusio gazteak
urkabean ito,
sistemak burujabe
ez zaitu begiko,
zuk bai, zuk ez, agian…
zuk duzu segiko…
Esperantza izpi bat:
deus ez da betiko!
Non da duintasuna,
non errespetua,
non da gizalegea,
bidezko tratua;
giza haragijalez
lepo merkatua,
balioek balio
arras merketua:
karnetak ziurtatzen
du eserlekua.
Bat bazen guztietan
distiratsuena
eguzkiaren pare
argia zuena,
bazekien egiten
"nirea zuena",
zorrotza, ulerkorra
jatorra, zuzena
eta berak jaso du
ordain antzuena.
Estomago ttikia
nik ez dut maitea
ez lider antzua ez
bere elitea;
ez lerde jariorik
utikan koipea!
Baina zeinen zaila den
zerbait egitea,
lagundu nahi izanda
nola, ez jakitea.
Agur sagar beltzaran,
mahatsondo lerden,
agur irrifar xume,
begirada garden,
berdin da eme, homo,
trans edota ar den,
etekina lortzea
helburu nabarmen,
esklabotza berpiztu
behar izan arren!
Egun tristeak dira
ez gaude galako
ekaitza gure baitan
pausatu delako,
animoak ematen
dabil jende franko,
benetan ari dela
pentsatu beharko…
baina konponbidea
beti da biharko.
Bart batek telefonoz
tori xake-mate:
"Nitaz ia gehiegi
probestu zarete".
Ez nuen ba egin nahi
inola ere kalte,
oharkabe sisteman
ni(e)re banaiz parte
ez dut onik izango
hortik irten arte.
Doinua: Agur sagar beltzaran. Anje Duhalde. | news |
argia-2e69a2cc163e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/eskuin-muturra-garaitu.html | Eskuin muturra garaitu | Asier Blas Mendoza | 2018-09-30 00:00:00 | Eskuin muturra garaitu
Etorkinen eta errefuxiatuen etorrera udako albistegietako protagonista izan da. Ez da gauza berria, urteak daramatza Europar Batasunak errealitate horren kudeaketa kaskarra egiten. Adierazle gisa dugu eskuin muturreko populismoaren gorakada hauteskundeetan. Muturreko zentro progresistaren hegemonia garaietan gutxi hitz egiten da eskuin populistaren arrakasta ulertzeko sakoneko faktoreez. Egokitasun politikoaren diskurtsoak, nagusitasun morala adieraziz, nahiago du eskuin muturreko boto-emailea kritikatu humanitarismo teoriko-filosofiko batetik, benetako arazoaren erroa den neoliberalismoaren aurka egitea baino.
Izan ere, herritar batzuek etorkinek dakartzaten onurak maizago gozatzen dituzten artean, beste batzuek eragozpenak ikusten dituzte egunerokotasunean. Erdi-mailako klasearen zati esanguratsu batek nekez ordaindu ahal izango lituzke etxeko garbitzaileak eta menpeko familiarren zaintza etorkinik ez balego, ez behintzat egungo ordu kopuru berean. Klase apalenei aldiz, azkar exijitzen zaie ekonomian master bat, uler dezaten beraien lan baldintzen kaskartzea ez dela nagusiki etorkinen etorreragatik, baizik eta kapitalismo neoliberalaren (abstraktuan!) ondorioagatik; ez badiete zuzenean esaten meritukrazia kontua dela eta alferrak direla. Langile klase pobretuek goizetik gauera jakin behar omen dute ez direla gizarte segmentu ahulena, eta beraz, prest agertu behar dute beraien pastel zati txikiaren parte bat partekatzen ailegatu berriekin. Hori guztia gutxi bada, muturreko zentro progresistak uste du klase apalek kulturartekotasunean dotoreak izan behar dutela biztanle berriekin harremanetan jartzeko, klase ertain aberatsak abandonatu dituen auzoetan eta eskoletan.
Egia esan, auzo pobreetako biztanleak ez dira izango dotoreak progresismoan, baina ari dira eskarmentua hartzen. Arazoak arazo, geroz eta gehiago ari dira harremanak lantzen diskurtso moralak egiten dituzten gehiengoaren laguntza barik. Benetako kulturartekotasuna egiten dutenak, hiri-lur segregazioaz gain, eskola segregazioa pairatzera behartu dituzte klase ertain ilustratuek, horrela, hezkuntza maila baxuagoa izatera derrigortuta dauden moduan, sare sozial pribilegiatuetatik baztertuta daude era sistematikoan.
Klase apalek kulturartekotasunean dotoreak izan behar dute biztanle berriekin harremanetan jartzeko,
klase ertain aberatsak abandonatu dituen auzoetan eta eskoletan
Auzoetan elkarbizitza arazoak egotea ez da arraroa, arraroa ez den bezala soldata dumpinga dagoenean edo diru laguntzengatik lehiakortasuna egotean ezinikusiak sortzea. Adibidez, zergatik progresismo hegemonikoarentzat lehentasuna da Hungariako Gobernuak duen jarrera, herrialde horretan egon nahi ez duten etorkin eta errefuxiatuekin, eta ez berriz, herrialde horretan bertan urtero beraien etxeetan hotzez hiltzen diren 150 pertsonak? Arazo sozial horietan atentzioa jartzen du eskuin muturrak, errezeta erraz bat eskainiz etorkinak estigmatizatuz eta jazarriz. Argudio antzua da, badakigu etorkinena ez dela egiturazko arazoa. Pertsonen historia migrazioen historia da, denak gara edo izan gara etorkinak. Kontua da ez dagoela borondaterik eskuin muturraren diskurtsoari aurre egiteko neoliberalismoaren aurkako diskurtso eta praxi erradikal batekin. Aberatsek pobreekin laguntza humanitarioaren auto-satisfazioa beti disfrutatu dute eta nago egun horren antzeko zer edo zer dagoela etorkinen aldeko diskurtso eta praxi hegemonikoetan.
Eskuin muturra garaitzeko jendearen arazo materialez (etxebizitza, soldatak, aberastasunaren banaketa…) hitz egin behar da, eta aldi berean, segregazioaren aurka gogor egin behar da. Lan egiteko paperik ez izatea segregatzea da eta horrek eskulanaren prezioa merkatzen du. Antzera segurtasuna hobetzeko, desberdinen arteko elkar ezagutza errazteko eta justizia soziala bultzatzeko hiri-lur eta eskola segregazioekin bukatu behar da. | news |
argia-c86e4f8bf4d1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/here-to-stay-etxebizitza-eskubide.html | Here to stay! Etxebizitza eskubide | Katixa Dolhare-Zaldunbide | 2018-09-23 00:00:00 | Here to stay! Etxebizitza eskubide
Oporraldi garaia bururatu eta, hara jo eta ke berriz lanean eta katzakan aritzeko garaia etorria dela. Aktualitatea ikusiz, nehoiz baino erneago jokatu beharra daukagu. Besteak beste, etxebizitzaren gaia aipatu gogo nuke hemen. Joan den udan, Chairecoop ikerketa tresna ezagutzeko parada ukan genuen Baxenabarren: hori da nazioarteko erakundea, Etxebizitza Kooperatiboa eta Giza Kooperazioaz gogoetatzen laguntzen duena. Hainbat egitura, gobernuz kanpoko erakunde eta unibertsitatek sostengatzen dute. Chairecoopeko kide den Yann Maury unibertsitate irakasle eta ikerlaria Baigorrira gonbidatua zuen horko Unibertsitate Herrikoia deitu elkarteak, eta harekin ere luzaz mintzatu ahal izan gara ekitaldiaren ondotik.
Haren lan ardatza etxebizitzari buruzko kooperazio mugimenduak ezagutzea eta ezagutaraztea da, jendea konbentzitzen entseatuz etorkizun baketsu eta zuzenerako aterabide onena dela. Bi adibide bereziri buruz mintzatu zaigu luzaz. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Vermont eskualdean, eta bereziki New Yorkeko Manhattan auzoan, jendeak kooperatiba moduan antolatu dira etxebizitzen salerosketak osoki kudeatzeko, espekulazioari aurre egiteko asmoz, Here to stay! lemapean: Cooper Square kooperatibari esker, Lower East Side aldean etxebizitza 500 eta 800 dolar artean eskura daiteke, eta prezio horretan baizik ez saldu. Erroman, berriz, squatter talde ugari kooperatiba gisa antolatzen dira, eta lortzen dute Herriko Etxearekin hitzarmenak izenpetzen.
Esperientzia horiek lotu daitezke, nola ez, Euskal Herrian ezagutzen ditugunekin, autogestioa, horizontaltasuna, auzolana, herritartasuna, kapitalismoaren kontrako borroka ardatz dituzten horiekin: bertakoak (Gasteizko Errekaleorrena zein hainbat gaztetxek, herritar elkartek, erakundek edo herriko etxeek bultzatutakoak...) baita kanpokoak ere (Notre-Dame-des-Landeseko ZADekoa, Greziakoak, Maputxeen herrietakoak...). Gisa batez, Yann Mauryren solasek soilik berme bat gehiago eman zioten mugimendu horien zilegitasunari.
Baina interesgarriena izan da, ene iduriko, ikerleak Ada Colau Bartzelonako auzapezaz erakutsi duena: nola espekulazioaren kontra eta etxebizitza eskubidearen alde beti borrokatu den pertsona bat indargabetu agertu den behin boterean izanez geroz. Yann Mauryren ustez, Bartzelonan eta Espainian gertatzen dena (bankuek eta pentsio funts amerikarrek gaina hartzea etxebizitzen kudeaketan) ager daiteke Frantzian ondoko hilabeteetan: Alokairu Apaleko Bizitokien egitura publikoko Administrazio Kontseilu Nazionalean, alokatzaileek bi ordezkari baizik ez dauzkate, hogeita hamar pertsonetarik –egoiliarren kontzientzia eskasez edo egituraren araudiengatik; egoera horrek gobernuaren Elan legeari bidea erraztu dio, eta laster bizitoki publiko horiek sar daitezke merkatu arruntean, delako banku eta funts pentsioak azkarki erakarriz– horrela, gobernu horrek berak aitzin-ikusia duen erretreten erreformaren ondotik, tokian berean prest litezke harrapariak, asurantza berriak proposatzeko.
Nik ez nezake erran botereak automatikoki usteltzen dituela hautetsiak, batez ere herri ttipietan, baina bai kuraiez beterik segitu beharko duela jendeak, bai tokikoak, bai kanpotik beharturik etorriak, bere oinarrizko eskubideak salbatzeko, kooperazio edo elkarlaguntza moduan. Izanen da lan! | news |
argia-51859f2ce099 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/martin-orbe-abadea-ere-torturatua.html | "Ezin zara torturaren zamapean egon bizi guztian" | Miel Anjel Elustondo | 2018-09-30 00:00:00 | "Ezin zara torturaren zamapean egon bizi guztian"
Martin Orbek bazuen lagun bat, Eusebio Martija, inoiz hari zelan zegoen galdetu eta "Ederto, xehetasunetan sartu gabe", Martini erantzun ohi ziona. Xehetasunetan sartu gabe Martin Orberen bizia ere: hierarkiatik aparteko apaiza, irakaslea, torturatua, Zamorako kartzelan egona, Gogor taldekoa, UEUren gidari… Xehetasunetan sartzera egin dugu, Orberen lagun Martija hark ez bezala. Nola esango nizuke, bada?
1958an apaiztu zinen. Handik bi urtera, 1960an, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 339 abadek Francoren Erregimenaren gehiegikeriak salatzeko gutuna idatzi eta bidali zieten Espainiako gotzainei, Nuntzioari eta Vatikanoko Estatu Idazkaritzari.
Nire izena ez duzu han ikusi… Zeanurin nengoen, joan berritan. Gutunaren eragileek ez ninduten ezagutzen, herrian lehenagotik zegoen abadea baino, abade oso ezaguna, adinekoa, Gabriel Manterola.
Labayru Institutuko buru Ander Manterolaren osaba. Ingalaterran hamar urtez erbesteratua egon zen Gabriel Manterola, Ekin euskarazko aldizkariaren zuzendari eta idazle…
Horixe! Hura zen erreferente nagusia, normala denez. Asko estimatzen nuen Gabriel. Hura beti liburu irakurtzen-eta bai, baina ez oso gizon praktikoa. Zerbait esan zidan, baina xehetasunik gabe. Ni, bestalde, Zeanuriko Lanbide Eskolan nengoen irakasle, nahiko lotuta alde horretatik. Julen Kaltzada Orozkon zegoen... Ibilgailurik ere ez neukan, baina Julenekin komentatzeko asmoa hartu nuen. Bitarte horretan, sinadurak argitaratu zituzten eta hortxe gelditu nintzen ni, sinatu barik.
Garai berri bat etorri zen…
Seminarioan ezagutu ez nuen giroa. Oso urte mugituak izan ziren. Gauza bat baino gehiago izan ziren. Abade gaztea nintzen, elizako neure egitekoak bete behar nituen, eta gainera, irakasle nintzen herriko lanbide eskolan, Zeanurin. Abade gaztea nintzela esan dut, eta abade gazteak gogo berezia izaten du gazteekin lan egiteko. Gu apaiztu eta gutxira Herri Gaztedi hasi zen. Gipuzkoatik etorri zen Bizkaira, Valentin Zamorak ekarrita. Ander Manterolarekin kontaktatu zuen lehenengo. Ikastaro bat antolatu zuten Bilbon, eta herrietako abadeoi gazteak bidaltzeko eskatu ziguten. Nik bost bidali nituen, kategoriako mutilak bostok. Herri Gaztedi benetako eskola izan zen guretzat. Gure pastoral lana egiteko beste ikuspegi bat eman zigun. Seminarioan goitik beherantz lan egiten irakatsi ziguten, goian dagoen Jainkoaren irakaspena behean dagoen herriari transmititzen. Herri Gaztedik, aldiz, guztiz alderantzizko bidea irakatsi zigun: "Hor dugu jendartea, hor herria –Euskal Herria, bere arazoen jabe–, hortik abiatuta, nola txertatu herri horretan Jainkoaren mezua?". Orduantxe ikasi genuen elizan –eta Herri Gaztedin–, seglarrak zirela inportanteak. Sekulako ikasbidea izan genuen Herri Gaztedi.
1964an, Bigarren Kontzilioa hasi zuen eliza katolikoak. Horrek zuen bidea hauspotu zuen, inondik ere.
Nola esango nizuke, bada? Vatikano Bigarrenak gure bidea berretsi baino ez zuen egin. Gogoratzen naiz Herri Gaztedi talde bat sortu zela Karrantzan, eta bertako batek esan zuela: "Behin jarriko dute baserritarra aita santu [Joan XXIII.a], eta saltsa galanta sortu du!"…
Urte berean hasi zen Patxi Bilbao abadea Gamizen (Bizkaia) salatzen udal agintariek Espainiako bandera eliza barruraino sartzen zutela.
Bai. Herri Gaztedik bazuen arduradun bat –kontziliarioa deitzen genuena–, eta gu ere elkartzen hasi ginen, batzarrak egiten. Hori indartu egin zen eta horrela etorri zen gero Derioko itxialdia, 1968ko azaroan. 60 apaiz zarratu ginen, eta hilabete egin nuen… Hala ere, ez nintzateke zuzena izango Zeanuriko lanbide eskolako lana aipatuko ez banu, asko lagundu zidan eta. Hara joan eta hiru urtera eskolako zuzendari egin ninduten, eta hor dator kontua. Ikasleen arazo asko zuzendariak entzun behar izaten zituen. Ama batek: "Gure semeak dio azterketa ondo egin duela, baina suspenditu egin dutela". Beste batek: "Hortxe dago mutil bat, etorri gura du, baina ez dauka dirurik eskola pagatzeko"… Ez da berdin jendearekin harremanak eduki –nahiz eta oso harreman onak eduki–, abade huts modura, edo abade eta irakasle edo langile modura.
Zer esan gura duzu?
Nola esango nizuke, bada? Bizitzaren alderdi praktikoak hor direla beti. Ama bat semearen problemak kontatzen etorri eta ez diozu esango hiru Agur Maria errezatzeko, ezta? Eta lana ere, eskolako lana eta abade lana ez dira berdin: goizeko zazpietan meza ematen nuen, eta eskolan nintzen zortzietan, eguerdi arte. Ordu bietan berriro eskolara, seirak arte. Oso historia polita da Zeanuriko lanbide eskolarena. Mereziko luke kontatzea. Zer edo zer ere idatzi dut horretaz. Gauza handia izan zen niretzat eskola. Bizitza bera irakatsi zidan. Abade alferra bazara, ezer egin barik bizi zintezke. Jator antza bazara, mezatxoa eman goizean, umetxoei doktrina apur bat irakatsi, gaixo batzuk ikusten joan, pobre batzuei apur bat lagundu… justifikatzen duzu zure lana. Baina neurri handi batean, zeuk egiten duzu zeure programa. Behar bati, lan bati lotuta bazaude, behar horrek lotzen zaitu, eta behar horrek dakarren guztiari ere bai.
Argazkia: Zaldi Ero.
Urte mugituak esan duzu arestian. 1968an, ETAren lehen hilak. 1969ko apirilaren 9an, Artekaleko erorikoa. Atxilotuak, batetik, ihes egitea lortzen duen Mikel Etxeberria zauritua, bestetik. Honek taxia hartzen du, Orozkora nahi duela esanez Fermin Monasterio taxilariari. Gero, taxilariaren eta ETAko kidearen arteko sesioa, eta Monasterioren heriotza. Atxiloketak datoz ondoren. Tartean, zu.
Mutila Orozkon ezkutatu zen. Andregaiari nola edo hala jakinarazi zioten Mikel zaurituta zegoela, eta hark niri, berriz, ea zerbait egin ahal nuen. Andregaia –Laudiokoa–, Maite Idirini joan zitzaion, eta biak elkar hartu eta Areatzako sakramentinoetara joan ziren, Mikelen osaba bat, Paulo, han zegoen eta. Baina sakramentinoen etxea guardia zibilez inguratuta zegoen, eta taxilariari aurrera joateko esan zioten neska biek. Maite Idirinek ezagutzen ninduen, bazekien ni eskolan nengoela –Zeanuri eta Areatza tartean zegoen, eta dago eskola–, eta niregana etorri ziren. Mutila larri zaurituta zegoela zioten, eta ni Bilbora joatekoa nintzenez, behar izanez gero han elkartuko ginela esan nien. Bilbon elkartu gineneko, medikuarekin [Josu Arenaza] egonak ziren, sendagaiak eman zizkien hark, eta gero, Orozkoko abadeak gorde zituen, sagrarioan. Tartean, berriz –seguruena–, Artekalen atxilotutakoei Orozkoko hirukoaren izena atera zieten, eta hark Mikelen andregaiaren izena eman zuen, eta hark, nirea. Eta etorri ziren niregana.
Non atxilotu zintuzten?
Eskolan. Brigada sozialeko hiru polizia sekreta etorri ziren, eta hura elizbarrutiaren eskola zela esan nien, ea hara sartzeko gotzainaren baimenik zuten galdetu nien. Deia egin nahi zutela esan zidaten: "Baduzue telefonorik?", eta nik: "Ez". Eta nik hori esan eta bi minutura, eskolako telefonoak jo zuen. Tailerrean geneukan, eta fuerte jotzen zuen, gero. Baina eurak isilik. Handik gutxira, Criado famatua etorri zen. [Felix Criado Santos, Bilboko Brigada sozialeko polizia burua, torturatzaile gogorra] Criado ez zegoen txantxetarako. "Zer gotzain eta gotzainondo, gero! Esku-bilurrak eta pistolak!". Ordurako ikasleak ere jabetu ziren, eta guardia zibilek atera nindutenean, korridorea egin zuten ikasleek; negarrez, batzuk. "Lortu duzu gura zenuena!", guardia batek. Eta nik: "Ez, ez dut gura nuena lortu. Nik berton gura nuen". Etxera eraman ninduten, baina nik han ez neukan ezer, eta handik Indautxura.
Ezkerretara, Martin Orbe, Zeanuriko lanbide eskolako zuzendari zen garaian. Ondoan, Luis Arregi du, eskolaren eragileetakoa.
Ordukoak dira Zamorako apaiz-kartzela eta Apaizak ere torturatuak liburuetan kontatu dituzun izugarrikeriak, urte askoan isilean eraman izan dituzunak.
Isilik, baina ez dira ahazten horiek. Nola esango nizuke, bada? Torturaren esperientzia oso gauza gogorra da, ahal den moduan gainditzen ahalegintzen gara. Gaztea nintzen orduan, eta nahiz eta tortura gogoan gelditu betiko, ez zait ahazten gure aitak, torturatu egin nindutela entzun zuenean, dirudienez, esan zuena: "Nortzuk dira, bada, horiek, nire semea jotzeko?". Ezin zara torturaren zamapean egon bizi guztian. Eta, bestalde, bizian izan ditut beste esperientziak, positiboak. Lanbide eskola, orduko lana, oso lagun onak, UEU… Horrekin guztiarekin beste modura bizi zara. Dena ez da tortura izan.
Hiru urte egin zenituen Zamoran, apaiz kartzelaren liburuan ageri da hori ere.
Bai. Eta handik irten eta Zeanurira nahi nuen berriro, arrazoi bategatik: oraindino Franco bizi zen, egurra ematen, eta herriaren aurrean erakutsi nahi nuen Franco bizi arren, eta egurra hartu arren, ez genuela beldurtu behar, aurrera egin behar genuela. Baina ez nuen hori pulpitutik esango. Nahi nuen berriro eskolara joan, baina han beste zuzendari bat zuten ordurako. Handik urteetara, eskolako gidari Luis Arregik esan zidan ez nindutela zuzendari berriz hartu, kartzelaz gero markatua nengoela, eta horrek eskolari ez ziola mesederik egiten.
Zuzendari ez, baina han segitu zenuen lanean.
Bai. Handik hiru urtera LAB sortu zen. Bediako Kepa Leiza etorri zitzaidan, eskolako fotokopiagailuan panfletoak botatzeko eskatzen. Eta Euskal Herriaren historia konplikatua! Andoni Unzalu, orain PSOEkoa, etortzen zen paper haien bila. Pinudi batean egoten nintzen, txabolatxo batean, zain. Bilbora baino lehen, handik pasatzen zen propaganda. Unzalu motortxo batean etortzen zen. Batzuetan ez zuen propaganda eramaten: "Gaur ez ditut eroango. Gehiago behar ditut. Datorren asterako hainbeste egin". Noizbehinka ez zen bila etortzen, eta mila panfleto ateratzea baino zailago da erretzen. Gure Andoni Unzaluren gorabeherak.
"Eskolako lana eta abade lana ez dira berdin: ama bat semearen problemak kontatzen etorri eta ez diozu esango hiru Agur Maria errezatzeko, ezta?"
1972an Iparraldean zaitugu, iheslari.
Kepa Leiza atxilotu zuten, eta polizia berriro hurreratzen ari zitzaidala konturatu nintzen. Baina nik ez nuen berriro kartzelara joateko asmorik. Kurtso hasiera zen, lanbide eskolan ni, eta poliziak etorri ziren. Teilapetxu batean ostendu nintzen, paper artean sartuta. "Hemen behar du!", zioten poliziek, baina eskolakoek ezetz, irakasleen organigrama erakutsiz: "Gaur ez du hemen egon beharrik. Ez da hemen". Gero, irakasle batek atera ninduen handik, autoan. Cobrecesera (Santander, Espainia) nahi izan nuen, zistertarren komentura, Julen [Kaltzada] eta biok egonak ginen han, baina ostaturik ez zutela esan ziguten, eta Bien Aparecidara [Ampuero, Santander] joan nintzen, trinitarioetara. Oso ondo hartu ninduten. Nire egoera azaldu nien, botazioa egin zuten, eta baietz erabaki zuten. Eta han egon nintzen, gordeta. Egun batean, Algortako trinitarioak joan ziren hara bisitan, eta badaezpada, ez nintzan inork ezagutu, gelan eman nuen egun guztia. Radio París entzuten nuen egunero, eta egun batean, Franco azkenetan zegoela esan zuen. Trinitarioek ere galdetzen zidaten zer esan ote zuen Radio Parísek, eta nik, entzundakoa, Franco azkenetan zegoela. Eta haietako batek: "Zuk daukazu, zuk, Franco hiltzeko gogoa!".
Handik, bai, Iparraldera…
Bai. Plana egina neukan. Iruñera eramango ninduten, eta handik, sakramentino batzuen laguntzarekin, Iparralderantz. Gero, bakarrik pasatuko omen nintzen beste aldera, Urepelera. Eta ez dakit nondik joan nintzen ere. Mendian gora joan eta aurkitu nuen bidea. Eta Urepelerantz nindoala, artzain bat topatu nuen. "Zer, zu ere Franco gaizto horren iheska zatoz?". "Bai, bai". Eta Urepelen Maite Idirinek-eta hartu ninduen. Haiekin egin nuen aldi bat, beste bolada bat Zeberioko abade Amadeo Rementeriaren etxean –hura ere ihesi joandakoa–, Donibane Lohizune kanpoaldeko beste etxe batean… Azkenetan hantxe egon ziren Jon Idigoras eta emaztea. Horregatik, Jon hil zenean, neuk egin nuen hileta-meza. Horrela historia!
Oraintxe bai, kontatu dituzu zure lagun Eusebio Martijaren "xehetasunak"…
Tira, bada!…
Garai zalapartatsua. "Urte mugituak", zuk esan duzunez.
Xabier Amurizak ondo deskribatu du garai horretako mugimendua bere lanetan. Horregatik, konparazioak egiteak balio ez badu ere, oraingo gazteek ez daukatela guk geneukan garra iruditzen zait. Jendeak eskapismoa egin du, uste dugu instituzioek egingo dutela dena, eta ez da horrela. Nola esango nizuke, bada? Egun baten, Bittor Kapanaga ezagutu nuen, Gontzal Mendibilen bidez. Gizon jatorra, handia zen Bittor. Gogoratzen naiz, behin, kartzelatik irten eta berarekin egon nintzela. Ordurako han ari ziren ETA VI.a, EMK, LKI… eta hau eta hura, eta esan zidan Bittorrek: "Lur ona dagoen tokian, denetarik ernetzen da: belar ederra, sasia, asuna… Asunak kalte egiten du, eta kendu egiten dugu. Sasiak ere bai… baina lurra, hor gelditzen da. Horixe da Euskal Herria, lur honek emango du fruitua". "Ea, bada, Bittor, hala bedi!", esan nion… | news |
argia-147b9b43a6ed | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/bularretakorik-ez-zuten-erre.html | Bularretakorik ez zuten erre | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-09-30 00:00:00 | Bularretakorik ez zuten erre
Atlantic City (AEB), 1968ko irailaren 7a. 1969ko Miss America aukeratzeko ekitaldia egin zuten eta, kanpoan, New York Radical Women erakundeak deituta, 400 bat emakume bildu ziren lehiaketaren aurka protesta egiteko.
Biharamunean, New York Post egunkarian, Lindsy Van Gelder kazetariak idatzitako artikuluak titular hauxe zeukan: Bra Burners and Miss America (bularretako erretzaileak eta Miss America, alegia). Eta handik aurrera, azken mende erdian, bularretakoak erretzea borroka feministaren ikur izan da, protestaldi hartan inork bularretakorik erre ez zuen arren.
New Yorketik Atlantic Cityra autoetan eta alokatutako autobusetan hurbildu ziren emakume feministetatik lauk sarrerak zeuzkaten eta antzokira sartzeko aukera izan zuten. Han, Women's Liberation! zioen pankarta zabaldu zuten eta emakumeen askapenaren aldeko dozena erdi oihu botatzeko aukera izan zuten, poliziak indarrez kanporatu zituen arte.
Kanpoan, hainbat ekitaldi sinboliko egin zituzten. Ardi bat miss koroatu zuten, halako lehiaketek emakumeak ganadua bailiran tratatzen zituztela salatzeko. "Askatasunaren zaborrontzira" bota zituzten sukaldeko tresnak, Playboy eta Cosmopolitan aldizkariak, betile faltsuak, makillajea, takoidun oinetakoak, kortseak... Eta, bai, bularretakoren bat ere bai. Zaborrontziari su emateko asmoa ere bazuten, baina poliziak galarazi zien.
Han banatu zituzten eskuorrietan garbi azaldu zuten haien aldarrikapenak ez zirela feminismora mugatzen. Arrazismoaren kontrako aldarriak jaso zituzten –1921ean sortu zenetik, Miss America lehiaketaren finaletan soilik emakume zuriak onartu zituzten–, baita militarismoaren edo kontsumismoaren kontrakoak ere. Baina New York Post -eko titular hark bularretakoei su eman eta ñabardura horiek guztiak itzali zituen.
Bonnie J. Dow idazle feministaren ustez, feminismoaren eta bularretakoak erretzearen arteko lotura antifeministek bultzatu zuten, emakumearen eskubideen aldeko mugimendua baliogabetzeko. "Feministek arinkeriaz jokatzen zutela eta bularretakoak kendu eta erretzea gizonak erakartzeko trikimailua zela sinestarazi nahi izan ziguten".
Carol Hanisch protestaldiaren antolatzaileetako batek gerora esan zuenez, "komunikabideek bularretako erretzaile deitu ordez kortse erretzaile deitu izan baligute, AEBetako emakume guztiek gurekin bat egingo zuketen". | news |
argia-23dfc80b16ec | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/koldo-almandoz.html | Koldo Almandoz: "Beti pelikula bera egitea oso atzerakoia da" | Lander Arretxea | 2018-09-23 00:00:00 | Koldo Almandoz: "Beti pelikula bera egitea oso atzerakoia da"
Ibilbide oparoa du Koldo Almandoz zinegile donostiarrak. Orain jarri dio ordea, lehen aldiz, pelikula konbentziona(ago) bat egiteko erronka bere buruari. Saiakera horren emaitza da Oreina. Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da Donostiako Zinemaldian eta irailaren 28an zine aretoetan estreinatuko dute. Filmeko lokalizazioak trenez gurutzatzen ditugun bitartean hitz egin dugu berarekin.
Donostiako Easoko Euskotrenen geltokian jarri dugu hitzordua. Tabernazuloko elkarrizketek badute bere xarma, baina gaur, topoaren, metroaren edo dena-delakoaren joan-etorrian egingo dugu solasaldia. Donostiatik Oriora eta buelta. Oreina -ko geografia gurutzatuko dugu horrela. Iraila dela sumatzen da, dagoeneko ez dabil horrenbeste jende. Asko bilatu gabe aurkitu dugu patxadaz eseri eta hizketan hasteko tokia.
Protagonista eta istorio asko gurutzatzen dira Oreina n. Nondik tiraka iritsi da gaur ikus dezakeguneraino?
Badago Aginagan etxe bat oso berezia, erdia oso ondo zaindua eta beste erdia desastre bat egina duena. Jakin-mina piztu zidan. Nor biziko ote da hor? Etxe guztietan dauden familia tirabirak etorri zitzaizkidan burura, eta hortik atera da harietako bat. Gero hori uztartu dut pelikulan sartu nahi nuen beste ideia batekin: denbora asko igarotzen dugula baterako eta besterako joan-etorrietan, bakarrik, eta orduan garela inoiz baino gehiago gu geu. Inori kontatu ezin dizkiogun sekretuekin eta barruan daramagun guztiarekin.
Lokalizazioek protagonismo nabarmena dute. Aginaga, Usurbil eta Oria ibaiaren inguruen bidez, normalean oso banatuta erakusten diren hiria eta natura, biak batean erakusten dituzu zuk.
"Zinean emozioari gehiegizko garrantzia ematen diogu.
Denak izan behar du emozio bat sortzeko, dena baloratzen da negar edo barre egiteko gaitasunaren arabera"
Lokalizazioak ahalik eta gutxien ukitzeko ahalegina egin dugu. Nik paisaia hori errepidetik begiratzen nuen hasieran, eta bertatik ikusten nuena izan zen atentzioa deitu zidana. Trenetik ere egin dut bidaia bizpahiru aldiz, gaur bezala, ibaiaren bi aldeak ze desberdinak diren ikusteko. Batean herriak daude, industriguneak eta bizitza urbanoa; eta beste aldea berriz, guztiz basatia da. Zati batzuetan ez dago ezta biderik ere. Horrek eraman nau hausnartzera Euskal Herrian daukagun periferia berezi honetaz. Naturak eta industriguneek, baserriek eta poligonoek bat egiten duten periferia da gurea. Horrek nahasketa interesgarriak dakartza, baita pertsonen artean ere, eta errealitate hori islatu nahi izan dut. Hori da pelikularen geografia edo unibertsoa.
Tokiaren aniztasunak azaltzen du pertsonaien aniztasuna ere: gazte saharar bat, basozain bat, bi bide desberdin hartu dituzten Aginagako bi anaia, aitaren gasolindegian lan egiten duen neska gaztea…
Gidoia idatzi nuenean halako intuizio batetik abiatu nintzen, baina gero grabaketa egin dugunean antzeko errealitatea aurkitu dugu. Ikusi genuen, adibidez, Usurbilen badagoela saharar eta magrebiar komunitate handi bat. Kokapen horietan bizi den jendeaz hitz egin dugu, ekosistema oso interesgarria iruditzen zitzaidalako. Oso gaurkoa da, normalki ditugun aurreiritzietatik urruntzen dena, bai nekazal munduarekin ditugunetatik, eta baita etorkinekin ditugunetatik ere.
Pertsonaia horien hariak gurutzatu egiten dira, baina elipsiak ere badaude, eta ez dute itxiera borobilik. Ikusleari ahalegina eskatzen dion lana da Oreina ?
Uste dut zor diodala errespetu bat ikusleari eta baduela gaitasuna hutsune horiek betetzeko. Gu pertsonaia hauen bizitzaren momentu batean agertzen gara, eta beste batean desagertu, baina bizitza horiek gerora ere jarraitzen dute. Nire apustua izan da normalki pelikuletan azaltzen ez den jendeaz hitz egitea, jende arruntaz. Izaera konplexuak dituzte, eta aurpegi desberdinak, denok ditugun bezala. Ez dago Handia rik, ez dago ezer oso estraordinarioa. Gertatzen zaizkien gauzek ere ezin zuten pentsaezinak izan. Iruditzen zait zinean emozioari gehiegizko garrantzia ematen diogula. Denak izan behar duela emozio bat sortzeko, dena baloratzen dela negar edo barre egiteko gaitasunaren arabera. Ba niri negar egiteko gogo gehien eragiten didatenak telebistako reality ak dira. Gainbalorazio horren eta joera horren kontrako pelikula egin nahi izan dut nik. Emozioak egon badaude, baina gure bizitzan bizi ditugun moduan agertzen dira, azpimarratu gabe.
Argazkia: Dani Blanco.
Atentzioa deitu dit anaietako baten pertsonaiak. Azken euskal film luzeetan asko errepikatzen den arketipoa ordezkatzen du: emozioak kudeatzen ez dakien gizona, gatazkak konpondu beharrean bere hoztasunean babesten dena, lehorra…
Egia da azken aldian egin diren filmetan islatuta dagoen zerbait dela, baina uste dut erantzuten diola errealitate bati. Baliteke belaunaldi kontua izatea, baina nire familiari begiratzen diot, nire gurasoei begiratzen diet, eta uste dut jarraitzen duela horrela izaten. Nire buruari begiratzean ere, hein batean, sentitzen naiz identifikatua horrekin. Pentsa, pertsonaia horren beste anaia ere, beste molde batekoa izanagatik, antzekoa da horretan. Eta beste pertsonaia guztiak ere bai. Oso barrura begira bizi dira.
Pertsonaia horiei gorputza jarri dieten aktoreen artean Ramon Agirre dago. Aurrez ere egin duzu lan berarekin, eta aurten Zinemira saria jasoko du egindako bidearen errekonozimendu gisa.
Ramonekin eta beste batzuekin gertatzen zaiguna da, hain gertukoak direnez, ez ditugula nahikoa baloratzen. Iruditzen zaigu gure aktoreak direla, baina Ramonek egin du lan Almodovarrekin, Hanekerekin… Eta hori egin badu castingak gainditu dituelako da, ez du edonork hori egiterik. Badira aktore asko ez daudenean faltan botako ditugunak, eta Ramon izango da horietako bat. Sekulako teknika du. Sekuentzia batean, hamalau aldiz esanda ere gauzak errepikatzeko, momentu berean hartuko du beti arnasa. Nire kezka zen ikusleak ez Ramon ikustea, pertsonaia baizik. Horregatik saiatu gara gehiegi ez nabarmentzeko interpretazio eta ahots bat bilatzen, Ramon Agirre desagerrarazi eta Martin ikusteko. Uste dut lortu dugula.
Kontrastean, esperientzia gabeko aktorea izan du parean. Khalil gorpuztu duen Laulad Ahmed Saleh gaztea.
"Jende askorentzat
film luze bat egin arte ez zara inor. Orain bihurtu naiz zine zuzendari.
Baina ez zait asko axola, egia esan"
Bai, baina beharrezkoa zen. Hasieratik argi nuen aktoreak eta aktore ez zirenak uztartuko genituela, sinesgarritasuna emateko eta lan egiteko modu bat ere badelako. Kasu honetan, aktore profesionalak kutsatu ditu ez direnen inperfekzio natural horrek, eta besteek asko ikasi dute profesionalen ondoan lan eginda. Ni oso gustura gelditu naiz Lauladen lanarekin. Gainera, kasu askotan ez ditugu hoberen dauden esaldiak hautatu, inperfekzioak dituzten zatiak baizik. Horrek ematen dio sinesgarritasuna. Hitz egiten dugunean ez dugu perfektu ahoskatzen, keinu arraroak egiten ditugu… Zinean perfekziorako joera dugu eta badirudi arau idatzia dela, baina hortik ateratzen saiatu gara. Lauladek hori eskaini digu.
Grabaketa prozesuak irekia izan behar duela entzuna dizugu. Hala izan da orain ere?
Halako pelikula bat planteatzen duzunean, behar duzu benetan sinesten duzun gidoi bat, baina hala ere, prozesuak beti aldatu behar du zerbait. Bestela ez du zentzurik pelikula egiteak, hobe gidoia idatzita uztea. Guri adibidez, lokalizazio prozesuak edo aktoreekin egindako lanak asko eragin digu. Uste duzu dialogo bat borobila dela, eta ikusten duzunean aktoreen ahotan konturatzen zara ezetz, ez duela funtzionatzen, ez duzula ondo idatzi. Gero animaliak azaldu dira bat-batean, edo txaluparekin ibilita espero ez genituen irudi oso ederrak hartu ditugu…
Nekeza izan da dialogo horiek sinesgarri egiteko lana?
Hasieran hartu nuen erabakia izan zen horrekin burua gehiegi ez jatea, eta modu naturalean egitea dena; bai hautatutako euskarari dagokionez, baita euskara eta gaztelania nahasteari dagokionez ere. Gure errealitate linguistikoa berez da konplexua. Errealitate bat dugu Donostian, beste bat Ataunen… Eta aktoreen hizkuntza estiloak ere oso ezberdinak dira. Sinesgarri egiteko saiatu gara aktoreak beren euskararen matizak sartzera bultzatuz. Bitxia izan da adibidez…
[Oriora iritsi eta jaitsi gara trenetik. Elkarrizketa eten dugu pixka batez. Hiru minutu eskasean dator bueltako trena. Bestelako gaiez hitz egiteko ia tarterik gabe, bagoaz barrura berriz, Donostiako Easo plazarantz].
Argazkia: Dani Blanco.
Ahaztu dut zertaz ari zinen ere… Hizkuntza hautuez?
Bai, hori da. Bitxia izan da Khalilekin gertatu zaiguna. Bera euskalduna da, bai aktorea bai pertsonaia, baina halako pertsona bati zuzentzen garenean ez dugu uste euskaraz jakingo duenik. Pelikulan hori islatzen da, baina lehengoan, elkarrizketa bat egitera joan ginen eta hori bera gertatu zen kazetariarekin. Horrelako gauzak azpimarratzeko ere balio izan du pelikulak.
Lehenengoz igaro zara fikziozko film luze baten lurretara. Oso bestelako lana da Sipo Phantasma edo Plagan ekin alderatuta.
Jendeak normalki espero du zure lanetan aurretik egin duzun hori, baina nik, alderantziz, sentitzen dut horrekin hausteko beharra. Niretzat erronka zen aurretik egin ez dudan zerbait egitea, eta nahi nion nire buruari frogatu banuela pelikula konbentzional bat egiteko gaitasuna. Badugu obsesio bat autoretzarekin, begirada propioaren ideiarekin… Niri oso jarrera kontserbadorea iruditzen zait, atzerakoia. Ez naiz duela bost edo hamar urteko pertsona bera, eta normala da molde bereko lanak ez egitea. Denok edan dugu gauza desberdinetatik, denok kopiatzen dugu gustatzen zaiguna, eta aldaketa horiek ere nabaritu behar dira. Woody Allenena, adibidez, honezkero autoplagio konstante bat da. Niri hori ez zait interesatzen.
Aurrez beste lan asko egin dituzun arren, askok orain jo zaitu zinegiletzat. Are, Zinemaldian "Zuzendari berriak" sailean hartuko du parte Oreina k.
Jende askorentzat film luze bat egin arte ez zara inor, hori hala da. Orain bihurtu naiz zine zuzendari. Baina ez zait asko axola, egia esan. Egia da baduela halako prestigio sozial bat, baina dena da harri-kartoia. Ez da talentu berezirik behar zine zuzendari izateko; eta zenbat eta zine zuzendari gehiago ezagutu, orduan eta argiago dut hala dela.
Kritikoa zara sortzaileengandik oso urrun bizi diren ekoizleekin. Txintxua Films-ekin lan egiteak errazagoa egin du dena?
Bai, oso argi dut ni pribilegiatua naizela. Txintxuak aukera ematen dit bestela oso zailak liratekeen gauzak egiteko. Pelikula hau egiteko aukera badut, Marian Fernandez ekoizlearengatik da hori. Gidoia idaztera ere berak bultzatu ninduen. Apustua egitea, pelikula honek dituen ezaugarriak kontuan hartuta, ez zen batere erraza. Zalantza momentuak izan ditudanean ere, berak eman dit aurrera egiteko bultzada. Hori esanda, egia da zinearen beste alde hori aldrebesa ere badela: finantziazioa, zinemaldiak, salmenta internazionala, banaketa… Horrek eragin handia du zure pelikularen zabalkundean, eta askotan zinearekin zerikusirik ez duten aldagaiek eragiten dute.
Konbentzionala ez den zineak badu tokirik arau horien araberako joko-mahaian?
Ez da erraza. Badago belaunaldi berri bat: Aitor Gamentxo, Maddi Barber, Maria Elorza, Maider Fernandez, Juan Palacios… Guzti horiek ohitu dira Sipo Phantasma n izan genuenaren antzeko lan egiteko modu batzuetara. Izango dute horiek zinea egiten jarraitzerik haien burua saldu gabe? Ba ziur asko ez. Polita litzateke haiek egiten ari diren bidea ere bultzatzea, baina ez dut ikusten apusturik horren alde, ez erakundeen aldetik, ez ETBren aldetik. Ez da Goyak eta argazkiak ematen dituen zine bat. Kontua ez da bata ona edo bestea txarra denik. Biak behar genituzke.
Zure burua saldu behar izan duzu zuk?
"Zinelistook dugun
joera hori, publiko orokorra gutxiestekoa, gainditu behar genuke"
Neurri batean behintzat bai. Ez hainbeste egin dudan lanean, baina bai izan behar dituzun harremanetan, egon behar zaren tokietan, zer esan dezakezun eta zer ez… Itxurakeriaren jokoa ere hor dago. Denok dugu diskurtso iraultzaile bat, baina gero ikusten duzu zure burua elite batzuekin, eta hor egotea ere gustatzen zaizu. Nire kasuan, ni hasi nintzenean oraindik ez zegoen hainbeste jende antzekoa egiten, eta horri esker ezagutu nau jende batek, egin dut bide bat…
Abangoardiaren onespena eta publiko orokorraren txaloa. Ez da erraza biak uztartzea.
Igual gaizki dago esatea, baina nik pelikulak batez ere niretzat egiten ditut. Publikoak ikusteko esperantza horrekin, baina niretzat. Kasu honetan ere, ez dugu froga-ikustaldi edo antzekorik egin. Pelikula bat ez da hauteskunde bat. Ez pelikula, ez musika, ez sorkuntza orokorrean. Hori esanda, uste dut zinelistook dugun joera hori, publiko orokorra gutxiestekoa, gainditu behar genukeela. Eroso bizi gara underground ean, mundu txiki batean elkar elikatzen. Hortik ateratzen ere jakin behar da. Publiko orokorrak interesa izatea nahi genuke gauza berri edo arriskutsuagoekiko, baina guk ere egin behar genuke esfortzu bat gure lan hori publiko horri gustarazi eta hurbilarazteko. Bi muturretan daudenak ez dira gustura egongo, baina nahita egin dut erdibideko zerbait egiteko saiakera. Pelikula honek izango du aukera zine aretoetan egoteko, eta joaten den jendeak ikusiko du proposamen desberdinak egin daitezkeela. Badaudela zine mota desberdinak, egiteko modu desberdinak…
Orain Oreina k bere bidea egingo du. Baina bide konbentzionalago hau jorratu ondoren, zertarako gogoz zaude zu?
Ari naiz idazten, baina ez dut plan zehatzik. Lan egonkorrik ere ez dut orain, ze noski, zinegileak ez gara zinea egitetik bizi. Beraz, oraintxe nago halako noraez sentsazio batekin. Bitxia da, batzuetan izutzen nau, eta beste batzuetan gustura sentiarazi.
[Heldu da trena berriro Donostiara. Kanpora atera gara, gainontzeko bidaiarien artean. Argazkiak ateratzen ari ginela aitortu digu Almandozek ondo ateratzeko sekretua: eguzkitako betaurrekoak. Geltokia atzean utzi eta Easo plazako terraza batean jarri gara hirurok, gargardo bana eskuan. Susmatzekoa zen: orduan hasi da elkarrizketarik interesgarriena. Grabagailurik gabe]. | news |
argia-7e9c382b7d4f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/dena-xahututakoan-zer-nauru-uhartean-jada-gertatu-da-etorkizuna.html | Dena xahututakoan zer? Nauru uhartean jada gertatu da etorkizuna | Pello Zubiria Kamino | 2018-09-30 00:00:00 | Dena xahututakoan zer? Nauru uhartean jada gertatu da etorkizuna
Harkaitz idor bat itsasoaren erdian, hondartza izanak kai abandonatu bihurtuta, kokondo lirainen ordez garabi herdoilduak... Nauru uhartera iristen diren bidaiari bakanek ez dute aurkituko Itsaso Bareko paradisurik. Halako zerbait inoiz egon bazen, ahaztua dute nauruarrek. Beren oinpean aurkitutako fosfatoaren ustiaketak aberats zirela sinestera eraman zituen urte batzuen tartean. Xahuketaren ostean, beren miseria partekatu behar dute uhartera urrundik ekarritako errefuxiatuekin.
Irailaren 4koa ez du erraz ahaztuko Barbara Dreaver kazetariak . Zeelanda Berriko TVNZ katearen erreportari joana zen Naurura, Itsaso Bareko Uharteen Forumaren berri ematera. Tartean, uhartetik irten ezin den errefuxiatu afganiar bat elkarrizketatu zuen eta handik laster atxilotu zuten poliziek, ordu luzez preso eduki eta kazetari lana egiteko baimena kendu. Kazetariek hemen lan egiteko 5.800 dolar pagatu behar duten baimena, alegia.
Ez da denbora asko jakin zela Nauruko eremu itxi batean Australiak zerratuta dauzkan zientoka errefuxiatuetako batzuk beren etsipenean gose greban sartu zirela; batzuk suizidio ahaleginera ere iritsiak ziren. Iheslarien aldeko ekintzaileak saiatu ziren gaia sartzen Itsaso Bareko Uharteen Forumaren agendan, baina alferrik: errefuxiatuak ezin dira aipatu ere. Funtsean, planetako herrialde independente ñimiñoenetakoa den Nauruk bere diru-iturri nagusitzat dauzkalako.
21 kilometro koadro eta 10.000 biztanle baino ez dituen Nauruko errepublikak lur-mutur txiki horretan hartu ditu 1.000 errefuxiatu eta asilo eskatzaile Asia urruneko gerra eta bortizkerietatik ihesi Australian sartu nahi izan zutenak. Australiak, ordea, aterpetzeko ordez Nauru eta Manus –hau Papua-Ginea Berriarena– uharteetara eraman zituen. Naururi dagokionez, 400 bat iheslari dauzkate eremu hesitu batean preso eta handi pasa ostean libre irten direnak ezin dira uhartetik irten, lanik gabe ahal bezala bizirautera kondenatuta.
Amnistia Internazionalak krisi humanitario honetaz zabaldutako txostenean dioenez "agiri askok eta baita Nazio Batuen Erakundearen adituek ere erakutsi dute sistema honetan Australiak preso dauzkan iheslari eta asilo eskatzaileek era guztietako tratu txarrak jasaten dituztela".
Nauruko Gobernuaren diru-iturri nagusietakoa da iheslariok etxean edukitzearen truke Australiak pagatzen dion kalte-ordaina. Baina agintariek baino onura handiagoa ateratzen diote presondegia kudeatzen dutenek: " Kontratista pribatu nagusia –dio Amnistia Internazionalak– Broadspectrum da, hiru urteko kontratuaren truke 1.900 milioi dolar jasotzen dituena. Broadspectrum 2016tik Ferrovial multinazional espainiarrena da".
Baina Naurun gauzak ez dira beti horrela izan, atzerriko herrialde baten kartzelazain izatera makurtu beharra gauza berria da. Izan ziren garai oparoagoak hemen ere. Hain oparoak, ezen per capita errentan munduko herrialde aberatsenetakoa izana baita Nauru. Ez hain aspaldi, gainera. Naururi egokitu zaio paradisu itxi bat izatetik meatzaritza industrialean murgildu eta ustez aberastera pasatzea, ondoren basamortu post-industrial latzenean hondoratzeko. Eta dena ehun urteko tarte laburrean.
1798. urtean Naurun lehenbizikoz lehorreratu ziren marinel mendebaldarrak harrituta geratu omen ziren uhartearen eta bere biztanleen edertasunarekin: Pleasant Island deitu zioten, uharte atsegina. XIX. mende amaieran ehunka urte lehenago bezalatsu bizitzen jarraitzen zuten, garaiko argazkietan ageri denez. Baina XX.aren hasieran Pacific Island Company -rentzako Albert Ellis geologoa ohartu zen paradisu urrun haren zorupean fosfatoa zetzala.
Paradisua harrobi-zulo bihurtu
Pleasant Island laster bilakatu zen harrobi handi bat, zeinetan XX. mendean zehar konpainia australiar eta zeelandaberritarrek ustiatzen zuten begi bistan azaltzen zen fosfatoa. Tarte horretan, Nauru pasatu zen Alemaniaren kolonia izatetik Britainiar Inperioarena izatera, gero Australiarena.
Nekazaritza industrialaren boom -arekin, Nauruko fosfatoak berdatzen zituen Australia eta Zeelanda Berriko zelai eta soroak. Garairik onenetan urtean 100 milioi dolarretik gora mugitzera iritsi arren, uharteko fosfatoaren etekinen %2 baizik ez zitzaien itzultzen nauruarrei.
British Phosphate Commission erakunde ilunak kudetu zuen negozioa 1968a arte. Urte horretan lortu zuten independentzia nauruarrek. Hammer DeRoburt lehendakari berriak fosfatoa nazionalizatu zuen, haren kudeaketarako sortuz Nauru Phosphate Corporation konpainia. Harrobi handiak jarraitu zuen lurzorua zulatzen eta Nauru iritsi zen estatistiketan munduko herrialderik aberatsenetakoa izatera per capita errentaren arabera.
Fosfatoaren etekinen parte bat agintariek inbertsio funts batean jokatzen zuten eta beste partearekin herritarren bizimodu gero eta lasaiagoa finantziatzen. Dena doan zen nauruarrentzako , zergarik batere ez. Lantzeko moduko lurrik ez zenez, nekazaritza fini zen. Arrantzaleek beren lana utzi zuten. Harrobietako lanetarako inguruko uharteetako obreroak ekarri zituzten. Nauruarrak hegazkinez joan zitezkeen Hawaii, Fiji edo are Singapurreraino bidaiatzera. Autorik modernoenak inportatu ziren... bizikletaz kostaz-kosta bisitatzeko goiz bat aski duen uharte batera!
1921etik 100 milioi tona ongarri lurrari kenduta, 2000. urterako agortuak ziren Nauruko fosfatoak. Soldatarik ezean, langile atzerritarrek ihes egin zuten. Tartean, gobernua saiatu zen alternatiba ekonomiko bila, batik bat fosfatoarekin metatutako funtsa baliatuz. Zenbait inbertsio bitxi egin zuten atzerrian, hegazkin handi, etxe-orratz eta istorio, laster porrot bilakatu zirenak.
Paradisu fiskal ere bilakatu zuten uhartea, mafia eta diru zuriketazko hainbat eskandalurekin lotuta agertzeraino. Nekazaritza aukera guztiak agortuta, larrialdian mesede egin nahian bezala, Australiak eskaini zien berak errefusatzen dituen etorkinen kartzelazain izatea. Estatu baten porrota.
Lurzoruaren %80 fosfato bila harrotuta, Nauru harkaitz lehor bat da ozeanoaren erdian. Behialako zuhaitz eta landare ugarietatik deus gutxi geratzen da. Nekazaritzako lurrik ez eta egin nahiko luketenek baratzea nola egiten zen ahaztuta. Langabeziak %80 gainditzen duenez, naurutar batzuk hasi dira berriro arrantzan.
Oihanetik modernitatera eta ondoren infernu post-industrialerako bidaian , Nauruko jendeek galdu dituzte bakea, natura, bizimodua, lana, kultura, hizkuntza hein handi batean... eta osasuna. Gizonen bizi itxaropena 60 urtekoa da, 68koa emakumeena. Herritarren %70ek obesitatea nozitzen dute, %40 dira diabetikoak.
Elikadura errotik aldatu baitzaie: Ozeano Bareko beste uharte kolonizatu askotan bezala aspalditik dena da Spam Nauruko sukaldeetan, urrutitik ekarritako jaki industrial, gizenkor eta ontziratuak. Limoi zukutuaren azala bezain idor utzitako uharte suntsituko low cost jendearentzako zabor-jana. | news |
argia-9156163f7bf6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/zientzia-fikzio-feminista.html | Heteropatriarkatuaren espazio eta denborez harago | Amaia Lekunberri | 2018-09-30 00:00:00 | Heteropatriarkatuaren espazio eta denborez harago
Zer gertatuko litzateke politikari teokrata talde batek kolpe militar bidez boterea hartuko balu, eta emakumeak estatuaren ondasun izatera pasako balira? Galdera horretatik abiatuta idatzi zuen Margaret Atwood-ek The Handmaid's Tale eleberria 1985ean, duela ez asko telesail formatura egokitu dutena, sekulako ospea lortuz. Zientzia fikzio feminista osasuntsu dagoela dioten baieztapenak zuzenak direla adieraztera datorren seinale nabarmenetan nabarmenena.
Atwoodek sortutako distopian patriarkatuak diktadura fundamentalista itxura hartzen du, emakumeak eskubiderik gabe utziz eta beraien eginkizuna erreprodukziora mugatuz. Aire kutsadurak gehiengoa antzutu duen gizartea izanik, ugalkorrak diren emakumeak mirabe izatera pasa dira ondorengo biologikoak izan ezin dituzten klase altuko familien zerbitzura, eta etengabe bortxatzen dituzte. Telesailaren arrakasta alokairuko sabelen gaineko eztabaida gori-gorian dagoen momentuan etorri izana ez da, seguraski, inolako kasualitatea.
Jen Green eta Sarah Lefanu idazleek Despatches from the Frontiers of the Female Mind liburuan argi zioten: "Zientzia fikzioak emakumearen gaur egungo egoera ikertzea ahalbidetzen digu, egoera hobeto fokuratu eta argiztatzeko generoaren metafora propioak erabiliz; hau da, etorkizunari buruz idatzi dezakegu, baina egiatan orainaldiari buruz idazten ari gara". Hala bada, Atwooden lanak arrakasta izan badu, zentzua dauka pentsatzeak gizarte garaikidean emakumeek bizi duten egoera aztertzeko daukan gaitasunari esker izan dela.
"Zer gertatuko litzateke…?" galderatik abiatu ohi denez, zientzia fikzioak gogoeta eta irudimenari ateak zabaltzen dizkio. Ate horrek, orainaldia aztertzeko aukera ez ezik, etorkizunaren gainean espekulatzeko parada ere eskaintzen du. Zientzia fikzio feministaren kasuan, zehazki, emakumeek bizi dituzten bazterketa eta zapalkuntzen gainean hausnartzeko eta hauek gainditzeko espazioa ahalbidetzen du generoak. Pamela Sargent zientzia fikzio feminista idazlearen hitzetan, "soilik zientzia fikzioak eta fantasiazko literaturak erakutsi ditzakete emakumeak giro guztiz berri edo arrotzetan. Gure bizitzetan eragiten duten murrizketak desagertuta, zer izatera heldu gaitezkeen iragarri dezakete, edo azaleratu daitezkeen arazo eta muga berriak erakutsi". Ildo berean egin zuten hurrengo adierazpena Greenek eta Lefanuk ere: "Zientzia fikzioak emakumeei ezarritako rol murriztaileetatik harago begiratzea ahalbidetzen du, gure ametsak zein amesgaiztoak deskribatzeko aukera luzatuz". Dirudienez, zientzia fikzioa lur emankorra da feminismoarentzat.
Hasieratik emakumeen esparru
Hizpide dugun generoaren eta emakumeen arteko harremana ez da kontu berria ordea. Are gehiago, emakume bat dugu zientzia fikzioaren sortzaile: Mary Shelleyk erditu zuen generoa 1818an, Frankenstein eleberriarekin. Shelleyk, zientzia fikzioak egin ohi duenez, existitzen ez den baina zientziaren bidez sortu daitekeen izaki bat aurkezten digu, eta beronen sorkuntzak ekar ditzakeen ondorio sozialetan jartzen du arreta.
Generoari ekarpenak egin dizkioten emakumeen artean, Charlotte Perkins Gilman eta Thea Von Harbou aurkitu ditzakegu Shelleyren atzetik. Perkinsek Herland idatzi zuen 1915ean, soilik emakumeek osatzen duten jendarte bat hizpide duen utopia. Von Harbouk Metropolis kaleratu zuen 1925ean, haren senarrak zinemara eraman zuena eta zinema mutuak eman duen lan onenetarikotzat jotzen dena. Oraindik ere meritu guztia Fritz Langi –senarrari, alegia– aitortzen diote askok, ideia originala eta gidoia Von Harbourena diren arren.
Emakume bat dugu zientzia fikzioaren sortzaile: Mary Shelleyk erditu zuen generoa 1818an, Frankenstein eleberriarekin
XX. mendeko bigarren hamarkadaren ostean hutsunea dago zientzia fikzioari ekarpenak egin dizkioten emakumeei dagokionez. Hasierako egoera alderantzikatuta, generoa gizonezkoen monopolio izatera igaro zen 70eko hamarkada ingurura arte. Feminismoaren bigarren olatuak egoera irauli zuen ordea, eta bat-batean agertu ziren emakume idazleek errotik aldatu zituzten zientzia fikzioaren ordura arteko kode eta genero topikoak. Zientzia fikzio feminista jaiotzear zen.
"Zientzia fizkioan sexu-rolak espazio-ontziaren kroskoko metala bezain aldaezinak dira, eta emantzipazioa, hitz ezezaguna", zioen Sam Lundwallek 1971an, egoera aldatzear zela ohartzeke oraindik. Lundwallek bazituen ezkorra izateko arrazoiak, ordura artean etorkizun liluragarri eta guztiz ezberdinak irudikatzeko aukera ematen duen generoaren baitan edozer eraldatu ohi zelako, generoa izan ezik. 70eko hamarkadako emakume idazleek goitik behera aldatu zuten panorama ordea, eta erdigunera ekarri zituzten sexuen arteko erlazioak zein genero-rolak, irudimenezko jendarte konplexuetan gertatzen ziren istorioetan. Astindu ederra, espazioko abenturetara eta rol pasibodun emakumezko pertsonaietara ohitutako generoarentzat.
Ursula K. Le Guin jo izan da garai horretako erreferente nagusitzat, gizonezkoen eremu batean ezustean sartu eta ordena irauli zuelako. Berari egozten zaizkio generoaren baitako obra garrantzitsuenetariko zenbait, aipatuena The Left Hand of Darkness (1969) bada ere. Lan horretan generoa eta sexualitatea dira hizpide, hermafrodita bilakatu diren eta sexuz aldatzeko gaitasuna daukaten biztanleek osatzen duten planeta batera heldu berri diren lurtarraren ikuspuntutik. Le Guinen atzetik etorri zen gai eta ikuspuntu berriei bide eman zion emakumezko idazle belaunaldi oso bat. Lisa Tuttle, Vonda McIntyre, Marion Zimmer Bradley, Octavia Butler edota James Tiptree Jr. aurkitu ditzakegu, beste askoren artean, belaunaldi horren baitan. Harrobi horretako hainbatek esplizituki feminista bezala aurkeztu zuten euren burua, Joana Russ kasu. Russek kontraesan, zalantza eta identitate arazoak dituzten protagonistak aurkezten ditu bere idatzietan, emakumezkoen rol sozialaren gaineko hausnarketa feminista bultzatu asmoz. Zientzia fikzioaren planetan bandera morea behin iltzatuta –urrats txiki bat emakumearentzat, urrats handi bat humanitatearentzat–, berezko genero bezala egonkortu zen zientzia fikzio feminista.
Jen Green eta Sarah Lefanu: "Zientzia fikzioak emakumeei ezarritako rol murriztaileetatik harago begiratzea ahalbidetzen du, gure ametsak zein amesgaiztoak deskribatzeko aukera luzatuz"
Ordutik, generoari ekarpenak egin dizkioten lanen emariak ez du izan etenik. Urteetako ibilbideak eman du eboluziorako paradarik ere, lantzen diren gai eta ikuspuntuetan nabaritu daitekeenez. Istorioak geroz eta konplexuagoak bilakatzen joan dira, eta identitate anitzak aurkezten dituzte bateko eta besteko pertsonaiek. Hain anitzak, ezen feminismoaren bigarren olatuarekin talka egitera ere heldu izan diren. Pauso bat harago, zientzia fikzio queer eta dekolonialaren korronteak ere sortu dira.
Zientzia fikzioa gurean
Euskal Herrira ere heldu da zientzia fikzio feministaren eragina, horren adierazle ZFFZ! eta AnsibleFest. Lehena irakurle talde bat da, eta izena ematen dioten siglek ez dute azalpenik behar: Zientzia Fikzio Feminista Zarautzen. Talde honetan generoaren queer korrontea ere lantzen dute, eta Arrate Hidalgok gidatzen du. Gidari berbera dauka irailaren 21ean eta 22an Bilbon egingo den AnsibleFest zientzia fikzio feminista, queer eta dekoloniala jorratuko dituen jaialdiak, Laura Lazcano, Laura Huelin eta Laura Gaelx-ekin batera baitabil Hidalgo antolakuntza lanetan.
Pikara Magazine aldizkari feministan, La Nave Invisible proiektuan, Aqueduct Press argitaletxean eta Sangre Fucsia irratsaio feministan aritzen dira, beste hainbat konturen artean, AnsibleFesteko tripulazioko kideak. Feminismoarekin eta zientzia fikzioarekin etengabeko harremanetan, generoaren "profesionalak eta zaleak" direla aitortu dute. Bizitoki ezberdinak dituztenez, elkarrekin erlazionatzeko daukaten era ere nahiko gerturatzen da hainbeste estimatzen duten generora, azaldu dutenez "telematikoki" komunikatzen baitira kontuak kudeatu eta erabakiak hartzeko. Soilik Hidalgo eta Gaelx batu dira aurrez aurre, eta bilkura horretan sortu zen jaialdia egiteko ideia. "Sare sozialetan eta aldizkarietan ematen ari diren eztabaidak biltzeko topaketa presentzial bat zabaldu nahi genuen", azaldu dute.
AnsiblreFest-eko kideak: "AnsibleFest euskarazko zientzia fikzioarekin zer gertatzen den hausnartzeko espazioa izatea espero dugu"
Jaialdiaren antolatzaileen gehiengoa espainiarra denez, zientzia fikzioak bertan bizi duen egoera zein den aztertua daukate: "Feminismoaren ikusgarritasunaz eta emakumeek idatzitako zientzia fikzioaz hitz egiten badugu, dudarik gabe funtsezko momentu bat bizitzen ari gara. (…) fanfictionetik , bideo-jokoetatik, rol jokoetatik eta eremu editorialaz haragoko beste esparru batzuetatik datorren LGTBI+ kolektiboko jende asko dago energia askorekin eta gauzak egiteko gogoz". Euskal Herriari dagokionez, ordea, zelaia arakatzear daukate, baina "AnsibleFest euskarazko zientzia fikzioarekin zer gertatzen den hausnartzeko espazioa izatea" espero dute. Zientzia fikzioa euskaraz "zeintzuk idazten duten, Mayi Pelot bezalako autore gehiago zergatik ez dagoen, eta egon daitezen zer egin behar den" hausnartzeko beharra ikusten dute –duela bi urte Miarritzen hil zen idazlea aitzindaria izan zen euskaraz ipuin futuristak idazten–. "Hemendik pare bat urtera euskarazko zientzia fikzio feministaren panorama bestelakoa izatea espero dugu… bidean diren pare bat proiekturen berri badaukagu, eta esan daiteke zuzen goazela baieztatzen dutela", diote baikor.
Ursula K. Le Guinen omenez, beronen Rocannon's World (1966) eleberritik hartu dute Ansible terminoa jaialdiari izena emateko, argi-urteko distantziak gaindituta berehalako komunikazioak ezartzeko aukera ematen duen gailu edo dispositiboari izena ematen dion hitza. Zientzia fikzio feminista erakusten ari den denbora-espazio mugak zeharkatzeko ahalmenari erreparatu ezkero, gailua fikziozkoa den duda egiten du batek. | news |
argia-4f597ba00146 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/ardoa-sorginak-eta-bertsoa-bizipozaren-mesede.html | Ardoa, sorginak eta bertsoa bizipozaren mesede | Iker Olabarrieta Herran | 2018-09-30 00:00:00 | Ardoa, sorginak eta bertsoa bizipozaren mesede
Arabako Errioxako mahats-bilketa festaren karietara, irailaren 15ean Bilarren egin zen bertso poteoaren kronika. Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Orlando Arreitunandia, Unai Bengoetxea eta Iker Olabarrieta.
"Euskal Herriko lau ertzetara itzuliko gara gabaz", bota zuen aspaldi Maialen Lujanbiok gobaradun amonen bertso antologikoan; ertz horietako bat Arabako Errioxa dugu. Periferia geografikoa izateaz gain, urtetan periferikoak sentitu izan gara hainbat arlotan, ardogintzaren salbuespenarekin.
Badira hogeita bost urte irailaren erdialdean ospatzen dela Arabako Errioxako mahats-bilketa festa. Aurten Sorginetxe trikuharria dagoen Bilar herriko biztanleei egokitu zaie antolatzea eta ardoaren inguruko jaiaren bueltan Maialen Lujanbio aukeratu dute pregoilari. Maridaje ona sorginak, bertsoa eta ardoa.
Egun handiaren bezperan Errioxa aldeko Txandrio bertso eskolak antolatutako eguerdiko bertso-poteoa izan zen. Maialen Lujanbiorekin batera, Orlando Arreitunandia, Unai Bengoetxea eta Iker Olabarrieta txandriotarrak izan ziren bertsokide.
Plazan, Harantz Honantz-Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko txoznan hirurogei bat lagun adi-adi trikiti doinuen ostean zetorrenari. Saio "intimoa" izan behar zena intimitate masiboa bihurtu zen. Eguzkiak ere ez zuen aukerarik galdu nahi izan laukoteak egindako zortziko nagusiko agurrak dastatzeko. Segidan etorriko ziren koplen erritmo biziak irriñoren bat marraztu zuen zalearen ahoan. Ardoa, sorginak, enologia masterrak eta euskara aireratu zituzten bertsolariek. Eta opariak heldu zitzaizkion bertsoen sorginari: abuztuan egindako bisitan botatako bertsoa larruzko pergaminoan tatuatu zuten herriko sorginek eta txandriotarrok ere zapi ederra eskaini genion, "eskerrik asko, Maialen".
Argazkia: Juantxu Martinez.
Motorrak bero-bero heldu zen kuadrilla handia jubilatuen tabernara. Bertan, zortziko txikian zaharren txoko kuttuna gaztetxe eta euskaldunen kluba bihurtu zen, baita txalo zaparraden artean, giro bero, gazte eta euskaldunean Lujanbiok egindako aitortza: "...hola bada banator / hona bizitzera". Igerilekuko tabernan eman zitzaion saioari bukaera zortziko txikian eta puntuka aritu ziren, "erreak" "ege" bihurtuz eta zaleari merezitako agurra emanez.
Igandean, jai erraldoiaren egunean, inoiz bazter hauetan entzun den pregoirik ederrena entzun zen; bertsotan eta euskaraz. Ondo jositako metaforak, jota doinuak tartekatuta. Bihotzean iltzatzen diren bertsoak, erre ez zituzten sorginen ondorengoek zinez eskertutako emozio sorta. Bertoko zein bertaratutakoen artean bizipoza nagusi eta akelarrea zuzentzen ari zen dama beltzaren begietan ere distira.
Euskaraldia heltzear dagoen udazkenari begira, Arabako Errioxan belarri-prest eta aho-biziak mendiko onddoak lez agertuko direlakoan gaude, euskara plazara atera eta hitzekin jolastea bezalakorik ez dago. Ardoa, bertsoa eta sorginen herrian, gora kopak! | news |
argia-1bf44a459764 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/mixel-etxekopar-gps-rik-gabeko-bidaiaria.html | "Zubia sortzen da Musika Handi autoproklamatuaren eta musika herrikoiaren artean" | Aitor Atxega | 2018-09-30 00:00:00 | "Zubia sortzen da Musika Handi autoproklamatuaren eta musika herrikoiaren artean"
Orain honetan eta gero hartan ikusi ohi dugu Mixel Etxekopar. Zenbatezinak eta polikromoak bere musika-bidaideak, baina xendra jakinetan. Gotaineko xülüla eta ttun-ttunjolea, guztiz sortzaile eta esperimentatzaile librea izaki, Iparraldean sortutako 4 sasuak proiektuan dabil. Lehen aldiz emango da Hegoaldean bitxi hau, irailaren 23an Larraulgo elizan.
2015ean ernaldu zen 4 sasuak, eta azkenean, 2018an pasako duzue Hegoaldera.
Bakoitzak bere xenda egiten du baina zubiak badira eta eskertzekoa da. Berdin zubirik ez denean eraikitzen ditugu. Horretarako espazioak sortu ditugu, esaterako, Xiru jaialdia Gotainen, Hebentik elkartea Maulen. Zubi hauskorrak dira, baina zubiak. Xiruren 30. aldia izanen dugu 2019an.
Lehenbiziko aldia izanen da 4 sasuak emanaldia "check-pointez-haraindiko-Hegoaldea deritzogun lurralde ideiaz-aurride-baina-auzo-arrotzean". Eta hau herri ekimen bati esker, Larraulgo Arriaga-Victoria Eugenia (ez den) antzokia dagoen megapolisean! Eskerrak hango "artibistei". Horrelakorik ezean –eta lan izugarria dugu egiteko– batzuk frantsesago eta besteak espainiarrago gara, nahi ala ez!
Oro har musika klasikoa zurrun eta lotu bezala ikusten dugu.
Barroko aroan, halako topaketak ez ziren hain arraroak iduriz. Ahozkotasunak ere bazuen lekua, baita inprobisazioak ere. Bach inprobisatzaile gaitza omen zen, eta horrek hazi zuen bere musika sorkuntza. Eleaniztasun musikala dago jokoan, erraiten ahal bada!
1725. urtean estreinatu ziren Vivaldiren 4 urtaroak. Apaiz gorriak lau soneto idatzi zituen, kontzertu bakoitzerako bana. Entzuleek soneto hauek eskutan estreinatu ziren.
Urtaro bakoitzerako soneto bana idatzi zuen eta horietan agertzen dena musikan irudikatzen da nolabait. Musika belarrientzako filma dela esan omen zuen Edgar Varese konpositoreak eta kasu honetan musika kasik hitzak baino hobeki mintzo da, ene iduriko! Zuberoan lehen bazen ardo bat zeinaren izena baitzen "Bera mintzo"; Vivaldiren musika hala da nik uste. Soneto horiek inprimatuak dira grabatu dugun diskoaren liburuan, italieratik zuzen euskarara itzuliak, Orpustan jaun baxenafartarraren eskutik.
Nola sortu zen 4 urtaroak 4 sasuak bilakatzeko asmoa?
Marina Beheretxe izan da abiapuntu eta zubi. Intuizioa izan zuen ezkondu zatekeela ederki euskal musika espirituarekin. Eta berak daki zer dioen: Baionako Orkestrako lehen biolina dugu, eta zango bat eta burua euskal kulturan eta euskaran ditu. Euskal musikari ezagunen alaba eta biloba ere badago, gure musika herrikoian txikitatik murgildua. Bigarren urratsean hots egin zidan, eta ni harriturik geratu, ez beroegi egia esan, hain delako obra hori pieza bat, oso eta borobila. Baina berak zekien nora ari zen eta barna, luze eta zabal ikertu zuen. Horrela gara bildu azkenean.
Esan daiteke 4 sasuak , Vivaldiren 4 urtaroak euskal maneran emateko modu bat dela? Zertan datza euskal manera hori?
Plano ezberdinak dira. Batetik, euskal soinu tresnak erabiltzen dira: xirula, ttun ttuna, txalaparta, panderoa... Baina hau besterik ez balego ez ginake ase, itxura behar bada ederra izango luke, baina itxura bakarrik izango litzateke. Gurean jokoan dena ahozkotasuna da, eta inprobisazioa ere bai, nahiz eta obra zorrotza izan espazioak dira horretarako. Eta hor euskal kultura bere etxean da, baita barroko espirituan ere. Beheretxek dion bezala, lehen mugimendua dantza jauzi baten airea da, beraz Xiberoan darabilgun ttun ttuna "bere baratzean" dago dudarik gabe! Ondoko batetan zer erritmo dabil: gure fandagoarena nabarmen! Panderoa hor etxen bezala sentitzen da. Horregatik, arin arin bat ere gehitu dugu Patrik Larralderen esku bizkorrez; agian ez dugu Vivaldi ofentsatuko! Naturari loturiko musika dela argi da eta zintzarriak, txorien txioak ez dira segur arrotz. Txalapartarena bai delikatua zen ene iduriz, eta horretan lan ederra egin dute Paxkalin Chabagno eta Paxkal Indok: nola ote daiteke musika zehatz batean sartu, zaldi basaren libertatea atxikiz. Hau desafio pollita! Paxkal Indoren ZTK disketxearekin atera dugu disko-liburu polit hau.
Musika tradizional eta klasikoaren arteko jolas honetan, zer eskaintzen, jasotzen eta ikasten du bakoitzak?
Zubi ederrak eraikitzen dira bereiziak izan diren munduen artean: Musika Handi autoproklamatu haren eta musika herrikoiaren artean, bat; euskal kultura eta erdal kulturaren artean beste bat; musika idatziaren eta ahoz aho dabilenaren artean hirugarren bat; jende batzuen artean azkena, hau baita funtsean garrantzitsuena! Eremu hauetan bai Arranoa laukotekoek bai Paxkal Indok berak ere badakite zerbait: Baigorrin antolatu zuten ganbarako musika akademia bat. Gazte andana etorri zen ikastera, goi mailako ikasleak ziren. Ikastera eta ikustera, pentsa; goizean Ravelen pieza bat, eta arratsaldean beste euskaldun batengana, Erramun Martikorenarengana! Gu Vivaldiren proiektuaren lehen urratsetan ginen, eta Indo garai berean Baigorrin... Horra beste zubi bat.
Zer ikusiko dugu Larraulen?
4 sasuak emanaldia ikusgai izanen da, bai eta aitzin gustu gisa, bi zatitxo: bat Xiberora eramanen gaituena, Xiberoko kantu herrikoien inguruan, ahotsa, txalaparta, xirula eta ttun ttuna josiz; eta bestea Arranoa laukotearen eskutik. Bigarren partean Vivaldiren obra emanen dugu honako orkestra atipikoan: Arranoa laukotea, biolin bi, alto-biola eta txeloa. Hauei gehituta arituko dira Marina Beheretxe biolin bakarlaria; Paxkal Indo eta Paxkalin Chabagno txalaparta eta perkusio joleak, Patrik Larralde panderoan eta ni botza, xirula ttun ttuna, perkusioak... | news |
argia-1d81166c4586 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/norbaitek-batuko-dituen-esperantzarekin.html | Norbaitek batuko dituen esperantzarekin | Oier Guillan | 2018-09-23 00:00:00 | Norbaitek batuko dituen esperantzarekin
Ez ditut oroitzen bizitza aldatu didaten uneak. Lausotzen ari zait atera ez ditudan argazkien oroitzapena. Ezin dut nire liburu faboritoetako pasarterik buruz esan. Ez naiz gehien inpaktatu nauten filmetako dialogo bakar bat ere errepikatzeko gai. Haietako bakoitzak utzi zidan arrastoa oroitzen dut soilik, azalean biziraun didan sentsazio orokorra.
Eulia ari du oroimenean: memoria selektiboa da, beti. Bizitakotik behin eta berriz azpimarratzen, kontatzen, birkontatzen ez dena ez omen da memorian finkatzen. Literaturara ekarrita, Julio Cortazarrek "liburu bat azpimarratzen duenak bere burua azpimarratzen du" esaten zuen gutxi gorabehera. Ez ote du gauza bera egiten komunitate batek? Egunero gabiltza bizitza azpimarratzen, izan ideiak, gertakizunak edo kritikak. Memoria den itsaso ezerezlean zer edo zer finkatu nahian bezala, kamerarik gabe atera nahi genukeen argazki ezinezko bat.
Ahaztura memoriaz beterik dago, ziotson Mario Benedettik. Zer da ba memoria historikoa deitzen zaion hori, ez bada azpimarrak idatzi gabekoen lerro artera zabaltzeko bulkada? Zer errelatoa, ez bada ahozko literaturan egin nahi litzatekeen azpimarra iraunkorra? Neure buruari galdetzen diot, halaber, zenbat kultur esperientzia geratzen ari den nabarmendu gabe euskal kulturaren liburu labainkorrean, nik jakin gabe bizitza aldatu didaten zenbat izen transmisioaren eulipean?
Gogoeta hauen harira izen bat azpimarratzeko beharra sortu zait berehala: Jose Martin Urrutia Txotxe . Urte hasieran utzi gintuen arte ez nion (akaso) behar bezala erreparatu haren eraginari: arte eszenikoen sistemaren aurreko intsumisoa, begirada estetiko ederreko profesionala, su artifizial ikusgarrietatik harago ingurukoen sua bizirik mantentzen jakin zuen kapitaina, Euskal Talde Antzerki Amateurren (EATAE) elkartearen garaietan antzerki-izurrite kutsakorra. Izango zituen edozeinek bezala argi-itzalak, noski: asko maite duenak asko daki.
Testu, irudi, bizipen kolektibo ugariz osaturiko obra zabala utzi zuen Txotxe -k. Euskal antzerkiaren historia ezin da estreinaldiei buruzko titularrekin (soilik) idatzi, eta are gutxiago su artifizialen programa ikusgarriekin, ez bada erre egiten duen sua bera kontatuz. Karrika taldearekin taularatu zuen Txotxe -k Ametsen faktoria , eta bertan ondo azaltzen denez azpimarra beti da hautua, izan pertsona ala komunitate batena:
"Itsasorantz umezurtz, arima galduak bezala, doaz gure ametsak, pasadizoak, ipuin kontaezinak, hitz jarioak, proklamak, diskurtsoak, eskutitz bukatugabeak, inoiz ikasi ez ditugun otoitzak, izunak, desioak... Gauero botatzen dituzue, eta hor joaten dira errekatik, norbaitek batuko dituen esperantzarekin". | news |
argia-b62c48ceef24 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/bi-ahotako-atseginez.html | Bi ahotako atseginez | Aritz Galarraga | 2018-09-23 00:00:00 | Bi ahotako atseginez
Izena ezaguna nuen, itzultzaile gisa neukan gordeta memoria internoan. Vladimir Kaminer idazle alemanaren Errusiar diskoteka narrazio liburu komikoa euskaratu baitzuen (Pasazaite, 2015) Mari Jose Kerejetak –inpaktuzkoa izan zen, gainetik, aurkezpen bideoa, zeinean agertzen baita lorotxo batekin sorbaldan–. Jean Etxepareren Beribilez hartu arte, eta irakurri arte 1987ko edizioaren sarrera testua, idatzi ere idazten zuenik ez nekien, ordea. Esan nuen ordukoan: Mari Jose Kerejetaren hitzaurrea da gordina, eta horrexegatik biziki interesantea. Etxepareri egindako aitzinsolasak jakin-mina piztu zidan; hala iritsi nintzen momentuz bakarra duen sorkuntza lan honetara, Ezezagun baten kuadernoa , poema bilduma, Irun Hiria literatura sariketa irabazitakoa.
Kerejetaren beraren hitzekin esateko, "amorioari buruzko erreflesioa" dukegu, "akaso gurean oso ohizkoa ez den malditismoaren kutsu horrekin. Ez maitasun xamar eta inozoa". Osotoro akort, nahiz maitasunaz, denboraren iragaiteaz, galeraz egindako hausnarketaz gain, gauza gehiago ere baden liburua. Bada, adibidez, halako carnet de voyage bat, Venezia, akropolia –"urrunean, Pireoa ere beste portu bat da"–, Bosforoko arrasgorri azkengabea. Bada erreferentzia literario sorta bat, Pavese, Celan, Lowry, halako batean Sapho eta Yourcenar. Bada trabestismo ariketa bat: "Neroni izan nintzen gizon hori". Eta bada alkoholak zipriztindutako bidaldi bat, etilikoa, soluzio emailea tarteka, "Farmakopea" poeman bezala: "Urrun-minarentzat, / itzulbiderik ez dagoenean, / ginebra hutsa, hotz-hotza".
"Emakumeek idatziriko liburu gehiegi" ez zegoen garaian argitaratua, Felipe Juaristik aitortu zuen: "Aspaldian euskarazko poemak irakurtzean senditzen ez nuen sentsazioa jabetu da nigan, sentsazio itogarria eta itogarria moduan atseginkoia". Dibortzio tramitazioa poeman esaten den bezala, "bi ahotako atseginez" irakurtzen dela, alegia. Gerardo Markuletak, aldiz, gora ekarri zuen, "poema liburuak berezko balio handia du eta euskal poesiaren bilakaeran giltzarri ttipi jotzeko modukoa da". Lastima da, hartara, Kerejeta liburu bakarrean geratu izana. Sasoia baluke oraindik, bete-betean sartuko litzateke tropelaren belaunaldian –besterik da halakorik nahiko ote lukeen–, zeina ez dagoen, prezisamente, emakume idazleez gainezka. Bien bitartean, hor dugu Ezezagun baten kuadernoa , gordina, eta horrexegatik biziki interesantea. | news |
argia-4e7a22caf7bc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/azken-afarian-laranjarik-ez.html | Azken afarian laranjarik ez | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-09-30 00:00:00 | Azken afarian laranjarik ez
Asko izan dira Jesukristo eta hamabi apostoluen Azken Afaria mihisean jaso duten margolariak eta, horien artetik, mordo batek laranjak margotu zituzten mahai gainean: Jacopo Bassano, Juan de Juanes, Leonardo da Vinci, Daniele Crespi...
Laranjek Ekialde Urrunean dute jatorria baina Europara ez ziren X. mendera arte iritsi. Garai hartan, musulmanek sartu zituzten Iberiar penintsulan, Afrika iparraldetik. Ekialde Hurbilera lehentxeago iritsi ziren, baina ez 900 urte lehenago.
Hortaz, edo Azken Afariko sukaldariak bidaia luzea egin zuen Asia ekialdera zitrikoen bila, edo margolari handi horiek guztiek obra ederrak osatu arren, akats historikoa egin zuten jakiak aukeratzen. | news |
argia-4a9c7383faab | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/biharamunaz.html | Biharamunaz | Castillo Suarez | 2018-09-23 00:00:00 | Biharamunaz
Maite ditut haratago eramaten ez zaituzten muxuak, muxuei, bere hutsean, baliorik ez baitiegu ematen gehienetan. Ez galdetu, hortaz, zer egiten nuen industrialde batean, desordutan, musika talde famatu eta on baten road managerrarekin. Baina muxu eman genion elkarri Guardia Zibila hurbildu zenean. Endavant paratzen zuen pegatinari begira egon nintzen, saihetsetik, begiak itxi gabe. Guardia zibilek bakean utzi zuten paperez eta gailuz betetako auto hura eta ni orduan handik atera nintzen eta nirerantz abiatu. Euria ari zuela ez nintzen ohartu ere egin. Maite ditut segidarik ez duten muxuak. Eta ez da koldarra naizelako, domestikotasuna eta aztura maite ez ditudalako baizik. Edo beharbada hori da neure buruari errepikatzen diodana estua izan nahi dudanean neure buruarekin. Ez galdetu, hortaz, zergatik maite ditudan hoteletako pasabideetako muxuak, txartela eskutan, kamerari ertz batetik begira inoren interesekoa ez dela jakinagatik. Maite ditut beharbada nor bere gelan egongo delako bost minutu geroago etxekoei deika. Izan ere, badago maitasuna baino askoz okerragoa den zerbait: biharamuna. | news |
argia-5db15952abf6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/borroka-egiteko-thrash-metal-doinuak.html | Borroka egiteko thrash metal doinuak | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2018-09-23 00:00:00 | Borroka egiteko thrash metal doinuak
Thrash metala da Herabe taldearen oinarria, taldekideek dioten bezala, eta argi eta garbi erakusten dute hori beren lehen diskoan. Soinu basatia eta trinkoa gauzatu dute, bi gitarrarekin, erritmo biziekin, eta ahots indartsu eta urratu batekin. Leloak, koruak, moldaketak eta gainerako xehetasunak arretaz landu dituzte, eta lan ona egin dute. Horretarako, Brigi musikariaren (Koma, El Drogas) laguntza estimagarria izan dute, hura arduratu baita masterizazioaz. Grabazioa Tartalo Records beren estudioan egin dute.
Iruñerrikoa da Herabe taldea. Beste hainbat taldetan aritu ondoren, Dani (ahotsa), Unai (bateria), Izko (baxua), Christo (gitarra) eta Gari (gitarra) elkarrekin jotzen hasi ziren, eta 2013an egin zuten lehen kontzertua Atarrabian. Besteak beste, Lamb Of God, Koma, Soziedad Alkoholika eta Su Ta Gar taldeen eraginak antzematen dira beren kantetan, baina taldeak bere nortasuna dauka.
Batere txantxa eta txorakeriarik gabe jotzen dute, eta modu berean mintzo dira kantetan, gordin, bidegabekeriaren eta zapalkuntzaren aurka. Askatasuna lortzeko borroka egitea aldarrikatzen dute, azken batean.
Besteak beste, hauxe diote: "Hitzak bahituta daude, egia esaterik ez dago, aldarrika ditzagun gure eskubideak" ( Herabe ); "Herria nazkatu da, kriminalizatu egiten gaituzte, nora goaz hiltzaile hauekin? Kalea gurea da, entzungo gaituzte orain inoiz bezala" ( Nora goaz? ); "Bonbak gauean, heriotzaren oihartzuna Gazako herrietan" ( Muhammad Al-Durrah ); "Euskaldunak gara eta ez dugu ahaztuko gure nortasuna gure hizkuntza dela, euskara ikasiz eta euskara bultzatuz gaindi ditzakegu oztopo guztiak, hizkuntza bat ez da galtzen zure ahotsan badago" ( Zure ahotsan badago ); "Herri bat gara, heldu da unea gure bidea egiteko, gure herriak ez al du merezi aske izateko eskubidea?" ( Aske izateko eskubidea ).
Herabe taldea Iruñeko Nafarcore musika elkartean aritzen da. 2014an sortu zen elkarte hori, eta bere lana txalogarria da, kontzertuak antolatzeaz gain, bideoak egiten ditu, eta taldeei sustapena, diseinua eta beste zenbait zerbitzu eskaintzeko aritzen delako, auzolanean. | news |
argia-d99998c9b63c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/zinemaldia-orain-ssiff-da-baina-badaki-euskaraz.html | Zinemaldia orain SSIFF da (baina badaki euskaraz) | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2018-09-30 00:00:00 | Zinemaldia orain SSIFF da (baina badaki euskaraz)
Donostiako Zinemaldia ez da aldaketa arriskatuak egiten dituen festibal horietako bat, hori argi dago. Baina epe ertaineko perspektiba hartuta, gauza batzuetan egokitzen jakin du. Adibidez, euskal zinemak jaialdian betetzen duen tokia, duela hamar urterekin alderatuta, handiagoa da. Aurten hamalau izango dira euskarazko lanak, beste inoiz baino gehiago. Erronka orain, publikoak film horiek aukeratzean dago.
Zinemaldiaren edizio honetako lehen nobedadea logo aldaketa izan da. Maiatzean aurkeztu zuten jaialdiaren irudi korporatiboari egin dioten lifting a eta denetariko iritziak probokatu ditu, "betiko maskorra" defendatzeko plastiko beltzaren atzetik oihuka hasiko liratekeenetatik, oskola tuneatzea txalotu dutenetaraino. Eta horrelako debateetan maiz gertatzen den bezala –batez ere iritziak publikatzea haiek pentsatzea baino errazagoa bihurtu den garaiotan–, bat batean diseinu-alorreko aditu bihurtu da Donostia erdia eta Euskal Herriaren laurdena.
Baina bide motz samarra duen debate horretatik harago, piztu da beste bat, arreta gutxixeago lortu duen arren, Zinemaldiaren izenari eta izanari gehiago eragiten diona: festibalak ingelesari eman dio leku zentrala irudi korporatibo berrian. "San Sebastian International Film Festival" -en siglak agertzen dira orain erdi-erdian, SSIFF, bai webgunean, bai karteletan, baita bestelako material informatiboetan ere. Nazioartean hobeto posizionatzeko egin omen dute, nahiz eta sigla berak dituen beste zine jaialdi bat ere badagoen –Silver Springs International Film Festival–; eta gainera, erabaki horren erruz, "Zinemaldia" izenak urtetan euskarari eman dion ikusgarritasuna galduko den, zenbait euskaltzalek kritikatu duten moduan.
Kontrastean, ordea, 66. edizio hau izango da Zinemaldiaren historiako euskaldunena. Inoiz baino euskarazko pelikula gehiago, hamalau; eta haien presentzia ez da mugatuko Euskal Herriko ekoizpenak erakusteko bokazioa daukan Zinemira sailera, nahiz eta atal horretan ere gora egin duen euskarazko ekoizpenen kopuruak.
Koldo Almandozen 'Oreina' eta Telmo Esnalen 'Dantza' izango dira, itxura guztien arabera, aurtengo Zinemaldian zeresan handiena emango duten euskal filmak
Aste honetan elkarrizketatu dugun Koldo Almandoz zuzendariak Oreina eramango du Zuzendari Berriak sailera eta badirudi zeresan handiena eragingo duen aurtengo euskal ekoizpena izango dela, Telmo Esnalen Dantza -ren baimenarekin, noski: zarauztarraren pelikula Sail Ofizialean ikusi ahal izango da, lehiatik kanpo bada ere. Erabaki horrekin Zinemaldiak berretsi du 2014tik egindako politika-aldaketa, gutxienez euskarazko lan bat festibalaren eskaparate nagusian jartzeko. Ohitu egin garela dirudi, baina duela lau urte Loreak eta Lasa eta Zabala Sail Ofizialean ikusi genituen arte, euskal zinemak 25 urteko basamortua bizi izan zuen Donostian –Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak proiektatu zuten aurretik, 1989ko Sail Ofizialean–.
Etxeko beste mokadu batzuk aipatzen hasita, menuan dago Joseba Sarrionandiaren inguruan hamabi zuzendarik osatu duten Gure oroitzapenak ere, baita Josu Martinezek zuzendu duen Jainkoak ez dit barkatzen , Lezo Urreiztieta marinel abertzalearen ibilera barojianoak berreskuratzen dituen dokumentala, XX. mendeko gure historiaren kapitulu ez oso ezagunak pantailaratzen dituena; Fermin Muguruza Zinemaldira itzuliko da Black is Beltza animaziozko lana aurkeztera: irundarrak pantailara eraman du 2014an Harkaitz Canorekin eta Jorge Aldereterekin batera publikatu zuen komikia; eta film laburren artean berriz, Zabaltegi-Tabakalera sailean erakutsiko dute Maddi Barberrek zuzendutako 592 metroz goiti , Suitzako Visions du Réel jaialdi prestigiotsuan zeresana eman duen lana.
Sail Ofizialari gainetik begira
Lehiaketa ofizialean parte hartuko duten pelikulen artean badaude aurretik Torontoko zine festibaletik pasa diren zenbait lan eta Kanadatik datozen albisteak irakurrita, gauza batzuk aurreratu daitezke. Adibidez, Claire Denis-en High Life -k arreta dei dezakeela. Zuzendari frantziar beteranoak zientzia-fikziozko pelikula egin du, baina generoaren gerruntzea zartatu duela diote. "Esperimentala" irakurtzen da kritika batzuetan; "arraroa" beste batzuetan; "nekez sinetsi dezaket filma existitzen denik ere", idatzi du The Guardian egunkariko kronikalariak. Gainera, Juliette Binoche eta Robert Pattinson izarrak protagonista izanda, "beste" ikusmin hori ere eragingo du segur aski.
Askok jarriko diote arreta Felix Van Groeningen zuzendariaren Beautiful Boy lanari ere, kontuan izanda filmeko protagonistetako bat iaz mundu guztia harritu zuen Call Me by Your Name -n agertzen zen Timothée Chalamet dela. Aita-semeen istorio honek, ordea, tenperatura epelagoa markatu du Torontoko termometroan. Louis Garrel-ek zuzendutako L'homme fidèle -k bezala: Philippe Garrel handiaren semea bere bigarren lan luzearekin lehiatuko da Donostian, zuzentzeaz gain aktore lanetan ere ariko da eta, orain arteko kritikak txarrak ez diren arren, Julian Retegiren semearen antzekoa gertatzen zaiola dirudi, "aita hobea zen" esaldia ateratzen zaiola askori haren pelikulak ikusi ondoren.
Sail Ofizialean lehiatuko den Claire Denis-en 'High Life' filmak ez du inor axolagabe utzi Torontoko jaialdian, zientzia-fikzioarekin esperimentatuz
Aurreikuspenetan sartu beharreko Sail Ofizialeko beste bat Markus Schleinzer zuzendariaren Angelo da, XVIII. mendean Afrikako herrialde batean jaiotako haur baten istorioa kontatzen baitu, Europara nola eraman zuten eta nola erabili zuten nobleziaren entretenigarri. Antza denez, filma ez da mugatzen iraganean afrikarrekin egindako astakeriak salatzera, eta problemaren gaurkotasuna mahai gainean jartzeko modu originalak erabili ditu.
Badira Sail Ofizialean errepikatuko duten zuzendariak, 2011ko Urrezko Maskorra irabazi zuen Isaki Lacuesta adibidez. 2006an zuzendu zuen La leyenda del tiempo filmeko pertsonaietako bat berreskuratu du Gironan jaiotako zuzendariak Entre dos aguas lanean. Eta Lacuestarekin batera In Between Days ikus-entzunezko gutun-trukea egin zuen Naomi Kawase japoniarra ere Donostiako lehiaketara itzuliko da zortzi urteren ondoren: Vision filmak Juliette Binoche du protagonista, Claire Denisen High Life -k bezala; baina kasu honetan espazioko trama batean ibili ordez, Japoniako baso batean ikusiko dugu, bere iraganaren bila.
Tematika eta asmoetan ugaritasuna nagusi den lehiaketan, a priori arreta deitzen duen beste lan bat Peter Stricklanden In Fabric da. Arrazoi batengatik: thriller bat egin nahi izan du munduko lekurik aspergarrienetako batean, saltoki handi batean, alegia.
Baina Zinemaldiko sariak eskuratzeko lehian aritzen diren filmekin, beti da zaila aurreikuspenak egitea. Beren karrera hondoratzeko moduko lanak aurkeztu dituzten izen handiko zuzendariak ikusi ditugu azken urteetan; baita atzeko atetik sartu ondoren, festibalaren amaieran publikoaren eta kritikaren bizkar gainean igota atera diren zinegile ezezagunak ere. Eta agian horixe da zine jaialdi bati –tira, zineari orokorrean– eskatu behar zaiona: aurreikusi daitekeenaren mugak zalantzan jar ditzala. | news |
argia-792a9c0a05d6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2613/eraldatu-dezagun-industria-militarra.html | Eraldatu dezagun industria militarra | Juan Mari Arregi | 2018-09-30 00:00:00 | Eraldatu dezagun industria militarra
Gerra batean –deklaratuta egon edo ez–, haurren sarraski bat gertatzen denean eta arma, lehergailu nahiz munizioaren jatorria Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan dagoela jakiten denean, jende guztia antimilitarista bihurtzen da eta politikariek adierazpenak egiten dituzte gerra hori kondenatzen. Badaude boikota eta armak ez saltzea eskatzen dutenak; aireportu eta itsas portuetan horiek esportatzea eragozteko mugimenduak ere sortzen dira, Saudi Arabiara eramaten dituzten armekin Bilboko portuan gertatu bezala.
Baina denbora igarotzen da eta Yemengo edo beste herrialdeetako gerra irudi ikaragarriak urrundu egiten dira. Eta pentsaera militarista itzuli, industria militarraren eta negozioaren defendatzaileen eskutik. Normalean, arduradun politiko, sindikal eta sozial horiek esan ohi dute beti izan direla bizitzaren aldekoak "terrorismoaren" eta "biolentzia ororen" aurrean.
Saudia Arabiak Yemenen haurren kontra egindako sarraskiaren ondoren, horixe da gertatzen ari dena PSOEren Gobernuan herrialde arabiarrari saldutako 400 bonba "gidaturekin". Ondo gelditzeko iragarri zuen bertan behera geratzen zela salmenta, baina orain, sokatik zintzilik geratu da eta bonbak saltzea erabaki du. Navantiako ontzioletako andaluziar langileak kalera atera dira enpleguaren defentsan, arabiarrek mehatxu egin baitute bost korbetaren eskaria bertan behera utziko dutela; ez dezagun ahaztu, gerrarako ontziak dira korbetak, eta hiltzeko balio dute.
Koherente izateko unea da, industria militarra goitik behera eraldatzekoa, zibil bihurtu arte. Lehenago egin izan da, baita Euskal Herrian ere. Gobernuak ezin gaitu tuntuntzat hartu "irtenbide diplomatikoak" bilatzen ari dela esanez, badakigu gezurrean eta manipulazioan oinarriturik daudela. Lehergailuak Saudi Arabiara iritsiko dira. | news |
argia-156a6f110d4e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/liburu-denda-independenteak.html | Nola eutsi azken lubakian | Kepa Matxain | 2018-06-17 00:00:00 | Nola eutsi azken lubakian
Hiru urtean, erreferentziazko hiru liburu denda itxi dituzte Iruñean. Bakoitza arrazoi desberdinengatik, baina motibo ekonomikoak tarteko hiru kasuetan. El Parnasillo aurrena, Gómez gero eta berriki Auzolan, 40 urteko ibilbidearen ostean. Azken hori ixteko arrazoi gisara aipatu zituen Mertxe Zufia bertako kideak "liburu-merkataritzan gertatzen ari diren aldaketa bortitzak eta azkarrak". Zeintzuk dira, ordea, aldaketa horiek? Eta panorama horretan, zer egin dezakete liburu denda txikiek?
Liburu denda batek independentziari eusteko ezinbesteko baldintza du banatzaile askorekin lan egitea, Iruñeko Katakrakeko German Esparzaren iritziz. "Oinarrian, gaitasun ekonomikoa dago. Banatzaile bakarra edukitzea erosoagoa da –denda txiki askok hala daukate–, azpiegitura errazten dizute, lan gutxiago egin behar duzu eta batzuetan, baldintza ekonomiko hobeetan uzten dizkizute liburuak. Baina guztiz menpeko zara: kudeaketa programatik hasi eta bestelako edozein negoziaziora arte". Katakraken, esaterako, lan egiten dute hamabi banatzaile handirekin, hamabi ertainekin eta 300 txikirekin –kolektiboak zein autoedizioak–.
German Esparza
(Katakrak):
"Banatzaile ertainek oso bestelako harremana izan dute liburu-dendekin. Baina irudipena dut halakoak desagertuko direla epe ez oso luze batean. Aldaketa
handiak datoz"
Donostiako Kaxildan ere antzera pentsatzen dute. Berriki erregistratu dute kudeaketa programan 511. banatzailea. Guztira 1.251 argitaletxe agertzen dira beren datu basean. Dario Malventik azaldu duenez, apustu garbia egin dute: banaketa alternatiboa bihurtu nahi dute ikusgarri, banaketa komertzialaren aldean. "Dendako zazpi mila liburuen artean ez dago best-seller bakar bat ere. Gure funtsaren mugak muga, liburuaren industria komertzialari iskin egitea lortu dugu. Orain, banaketa independentearen sarea indartzeko baldintzak sortzea tokatzen da". Independentzia horretan sakontzeko, giltzarria izan zen orain urte batzuk iritsi zitzaien enkargua. Artelekuko liburutegian uholdeak izan zirela-eta, bertako funtsaren zati bat errekuperatzeko eskatu zieten. Hala barneratu ziren liburu deskatalogatuz eta agortuz osatutako "mikrokosmos" batean, eta ezagutu zituzten bildumagileak, galeriak, museoak eta Amazoneko espekulatzaileak. "Liburuaren boterearen genealogia hari esker ikasi genuen banatzaile komertzialen trikimailuetan ez erortzen, eta horregatik ez dugu amaitu itota edo salduta, beste liburu denda batzuek bezala, astero apalategiak gainezkatzen dituen gehiegizko produkzioa garaiz ez geldiarazteagatik". Ekainean, bazkide kanpaina jarriko dute martxan. Urtero kuota bat ordainduz, banaketa alternatiboan egiten duten gastuari eustea dute helburu. "Behar adina bazkide lortuz gero, posible izango dugu funtsa zabaltzea eta egonkortzea. Gainera, nahi dugu Kaxilda babesten duen jendeak babes ditzala hornitzen gaituzten banatzaileak ere".
Dario Malventi
(Kaxilda):
"Ezin diogu uko egin Elkarren banaketari, euskarazko ekoizpen osoa haien sarearen menpekoa delako. Baina banaketa independentearen sarea indartzeko baldintzak sortzea tokatzen da orain"
Duela bi urte eta erdi ireki zuen Deborahlibros liburu denda Iruñean Katixa Castellanok. Zazpi banatzailerekin egin du lan orain arte, Espainia mailako seirekin eta nazioarteko batekin. "Zenbait banatzailek arazoak jarri izan dizkidate liburuak deposituan eskatzean, esanez ez dutela halakorik egiten dendak bi urte bete arte. Ohartu naiz, era berean, banatzaile batzuek ez dutela berdin jokatzen liburu denda handiekin eta txikiekin, arrazoi ekonomikoak tarteko". Dena dela, konplexua iruditzen zaio banatzaileen panorama. "Eguneratu beharra daukate, aurre egiteko 24 ordutan etxeko atarira liburu bat eramaten dizuten Amazonen gisako munstroei. Batzuk hasiak dira entrega-epeak azkartzen eta modu eraginkorrean funtzionatzen, baina era berean, irudika dezaket esfortzu hori langileen bizkar joango dela. Ez da batere gai erraza. Beste eremu askotan bezala, oihaneko legea da nagusi, harrapakari indartsuenak irabazten du".
Katakrakeko Esparzak esperientzia handiagoa du liburuen munduan Castellanok baino. Orain hamar urte hasi zen, eta iruditzen zaio azken hiruzpalau urteetan ziklo amaiera bat gertatzen ari dela. "Orain arte banatzaile ertainak posible ziren. Oso bestelako harremana izan dute liburu dendekin: gordailuak egin dituzte, konfiantzan oinarritu dira. Baina irudipena dut halakoak desagertuko direla epe ez oso luze batean, eta aldaketa handiak datozela".
Bitarterenak egin du
Banatzaile ertain horietako bat zen berriki desagertu den Bitarte. Elkarrek erosi du orain. Auzolan liburu dendaren itxierak, gainera, zerikusi zuzena du operazio horrekin, denda Bitarte banatzailearen parte baitzen. Gauzak horrela, Elkarrek zati bat gehiago kendu dio pastelari, eta banatzaile nagusi gisara sendotu da Hegoaldean. Esparzaren ustez, liburu denda txikiei eta ertainei eragingo die batez ere mugimendu horrek. Castellanok, berriz, berari horrek zertan eragingo dion galdetuta, hala dio: "Hori da auzoko burdindegi bati Leroy Merlini buruz galdetzea bezala. Bi negozio eredu desberdin gara".
Katixa Castellano
(Deborahlibros):
"Ohartu naiz banatzaile batzuek ez dutela berdin jokatzen liburu denda handiekin eta txikiekin, arrazoi ekonomikoak tarteko"
Kaxildatik ere sarritan kritikatu dute "euskarazko liburuen banaketak bizi duen monopolioa". Malventiren irudiko, Elkarren jokaldiak enpresaren logikari erantzuten dio, eta egun duen merkatu-konpetentziaren baitan ulertu behar da, Donostian ireki duten Casa del Libro ahaztu gabe. "Askotan eztabaidatu dugu Elkarrekoekin hemengo argitaletxe ekologian duten inpaktuaz. Ezin diogu uko egin beraien banaketari, euskarazko ekoizpen osoa –eta ez hori soilik– haien sarearen menpekoa delako. Baina inolaz ere ez gara Elkarrekin elkartu, itxuraz independenteak izan arren liburuak baldintza berezietan lortzeko haiekin akordioak dituzten beste proiektu batzuk bezala". Bitarte desagertzea arazo handitzat du Malventik, "Elkarren monopolioa handitzen duelako eta gertuko proiektu batzuk –Katakrak, kasurako– haien baldintzen menpe jartzen dituelako". Aldiz, iruditzen zaio Kaxildari ez diola eragingo, orain arteko bide beretik jarraitzen badute: nahi ez dituzten liburuak baztertuz, eta bazkide sare baten bidez enpresa handien funtzionatzeko modutik ihesean jarraituz.
Amazon multinazionalaren Espainiako banaketa-zentroa ikus daiteke irudian.
Denden eta banatzaileen kaltean eskaintzen ditu plataforma erraldoiak eroslearentzat prezio onak (argazkia: Alvaro Ibañez / CC-by).
Amazon garaiak
Liburu denda txikientzako diru-laguntza falta sumatzen du Castellanok. "Adibidez, Bartzelonan badira, eta hemen ez". Esparzak, berriz, beste bi mehatxu nagusi ikusten ditu: batetik, online salmenta egiten duten korporazio handiak. Bestetik, banaketa ereduan gertatzen ari diren aldaketak. Haren ustez, musikagintzak ez bezala, liburuak ez du eredu aldaketarik jasan afera teknologikoarengatik. "Liburuen eta liburu denden etorkizunak lotura handiagoa du banaketarekin: agian hamar urtean ez da liburu dendarik eta banatzailerik izango". Harentzat, Amazon ez da banatzaile bat. "Ez dauka biltegirik. Argazkietan ikusten ditugunak zentral logistikoak dira. Biltegiak beste batzuk dauzkate, eta Amazonek biltegi horiei eskatzen dizkie liburuak". Hain justu, horixe da Esparzaren ustez Amazonen arrakasta ulertzeko gakoa: eroslearentzat baldintza onak dauzkala, jatorrizko denden edo banatzaileen kontura. "Adibidez, zuk musika entzuteko kasko batzuk eros ditzakezu. Amazonek banatzaileari eskatu eta zeuri bidaliko dizkizu. Zuk hamabost egunez erabil ditzakezu. Gero, argizariz zikinduta, doan itzul ditzakezu. Jatorrizko banatzaileak kasko horiek jan beharko ditu. Ezin ditu berriz saldu, manipulazioan eta bidalketan dirua gastatu du, eta ez du ezer irabazi. Banaketa eta bilketa erabat prekarizatzen ditu guztia eskura dezakeela salduz, nahiz eta ez den hala – Fariña liburuarekin nabarmen ikusi zen bezala–".
Malventiren ustez, berriz, langileen eguneroko bizitza bidegabeki kontrolatzeak ezaugarritzen ditu Amazon garaiak. "Ez da Amazon soilik, Carrefour, Eroski, Mercadona, Zara, Ryanair eta beste enpresa askok erasotzen dituzte egunero langileen lan baldintzak. Liburuaren industrian ere aurrezkiaren logikan eta bezeroaren fidelizazioan jarduten dute enpresa handiek. Baina botere orok du bere erresistentzia, eta, kasu honetan, horixe gara liburu denda independenteok. Gainera, zerbait egiten dugu egunero: existitu egiten gara. Eta jende askok, liburu bat non erosi erabaki behar duenean, Kaxilda bezalako tokiak hautatzen ditu". Seigarren urteurren festa ospatu dute ekainaren 2an Donostiako Guardetxean. Honakoa zen festaren leloa: "Ezinezkoa ematen duen arren, hemen jarraitzen dugu". | news |
argia-6e29a2a49d8e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/berdea-itsusi.html | Berdea itsusi | Itxaro Borda | 2018-06-18 00:00:00 | Berdea itsusi
Badira gure artean, euskaraz mintzo direnak barne, mapetako eremu berdeak haserrezko marra gorri doilorrez gurutzefikatzen dituztenak. Eraikitzekoak dituzte. Zakutik edo zorotik. Etxebizitza garestiak, sozialaz ez dira gehiago axolatzen, zentro komertzial erraldoiak, hiri bazterretan energiaz gose hamikatuak diren ausa-lekuak, ez dute besterik buruan. Arrabiatuak dira, gure lurraldeak erakargarri egiten dabiltza pentsio-funtsak eta inbestitzaileak tiratzea helburu.
Kanoiak eta zementua oinarrian dituen frantses ekonomiak beti alde berera akuilatzen ditu iniziatiba neoliberalak hobesten doazenak. Merkatua askatu behar dute, lurrak pozoitu, jendeak ito eta prekarietatean amilarazi, beraiek sosa egiten jarraitzen duten ber, axolarik ez daukatela. Nuklearraren obsesioaren kasuan bezala, ez dira eredu horietatik kantitzen.
Parlamentuak, duela gutxi, itsas hegiak gerizatzen dituen legeari ausiki galanta egin dio, hortzak deitzen dituzten etxeen arteko gune muskerrak murru gorakoiez estaltzen ahal direla baimenduz. Lanjerra bertan dugu. Ez omen dute legea hunkitzen, baizik eta bere funtsaz husten eta hortik at guztia zilegi da.
Larrun mendi-gaina ere betonatzekoa dute. | news |
argia-141c3e856f30 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/mingaina-dantzan-kanpaldia.html | Gaztetxoek euskaraz gehiago egiteko erremintak esperimentatzen | Onintza Irureta Azkune | 2018-06-17 00:00:00 | Gaztetxoek euskaraz gehiago egiteko erremintak esperimentatzen
2017ko uda, Mundaka. Mingaina dantzan udalekuak antolatu zituzten Eusko Jaurlaritzak, Ebete hizkuntza-aholkularitza enpresak eta Ttakun Kultur Elkarteak. Helburua: 13-14 urteko gaztetxoek euskaraz ahalik eta gehien egitea. Baziren beste bi helburu ere: nerabeek ondo pasatzea eta erabilera areagotzeko tresnen baliagarritasuna probatzea. Nerabeak poz-pozik itzuli ziren etxera eta antolatzaileek esperimentua errepikatzea erabaki zuten. Uztailean Berrizen elkartuko dira gaztetxoak eta begiraleak.
Alaia Azkue zumaiarra da, Oikia auzoan bizi da eta 14 urte bete berri ditu. Inoiz udalekuetara joan gabea zen, baina iaz, gurasoen bultzadaren beharrik gabe, izena eman zuen Mingaina dantzan udalekuetan. Beretzako modukoak zirela iruditu zitzaion: "Euskara bultzatzeko zirela esan ziguten, euskaraz asko egiten ez zuten gazteekin elkartuko nintzen [eremu ez euskaldunetako nerabeak], eta haiei laguntzeak ilusioa egiten zidan. Haiek eskolan euskaraz egiten dute, baina etxean ez". Ikaragarri ondo pasa zuen, dena gustatu zitzaion: begiraleak, jarduerak, Mundaka, lo-lekua, eta denek ondo pasatzeko zeukaten gogoa. Euskaraz bizi denez, udalekuetan zenbat euskara egin zuen galdetu diogu: "Begiraleek beti euskaraz egiten zuten. Horren ondorioz guk denok euskaraz erantzuteko joera geneukan. Herri euskaldunetatik joan ginenok euskaraz egiten genuen eta herri ez euskaldunetakoek euskaraz egiten ziguten. Ez zeuden ohituta eta batzuetan hitzak ez zitzaizkien ateratzen, baina saiatzen ziren. Beraien artean batzuetan gaztelaniaz egiten zuten". Zumaiarra poz-pozik dago, aurten berriz doalako eta iaz lagun egin zuen barakaldarrarekin beste hamar egun pasatzeko aukera izango duelako.
Gurasoak ez ziren bultzatzaileak izan, baina segituan ulertu zuten alabarentzako udaleku oso egokiak zirela; udalekuak eta euskara, biak batera. Iñigo Azkue aitak hala dio: "Gurasoontzat sozializazio modu bat zen, ez hainbeste euskara kontua. Baina ohartzen gara Alaiak euskaraz bizi nahi duela, beraz udalekuak aproposak ziren". Maria Pilar Etxabe amaren ustez, begiraleek lan bikaina egin zuten, berak hala jaso du alabak kontatutakotik: "Euskara motibatzailea erabili zuten, jolasgarria. Beraiek hurbilekoak eta maitagarriak ziren".
Mari Karmen Fernandez Barakaldon bizi da. Oier semeak D ereduan ikasten du. Udalekuen berri eman zion semeari eta ez zuen konbentzitu beharrik izan. Amaren ustez, udalekuek abantailak baino ez zituzten. Arreta deitu zion euskara eta aisialdia lotu izanak. Oierrek ez zioen aurpegi txarrik jarri udalekuetan euskaraz hitz egitea helburuetako bat zela jakin zuenean. Etxean gaztelaniaz egiten dute. Oier etxera oso pozik itzuli zen, eta aldarte hartaz gain hurrengo hilabeteetan semeari bestelako jarrera bat ere antzeman zion amak: "Euskara maiteagoa zuen. Ordura arte ikastetxean euskara 'paketea' zen beretzat, baina ikasturteko lehen hilabeteetan bestelako maitasunez landu zuen euskara, nahiz eta hilabeteak pasa ahala gogo hori ahuldu zen. Irudipena daukat begiraleek lan bikaina egin zutela, hizkuntza eta ondo pasatzea uztartzea lortu zuten". Aurten ere badoa Oier Berrizko udalekuetara.
Ez da barnetegia
2017ko kanpaldian erabilera neurketak egin zituzten, baina antolatzaileek garbi zuten helburu bakarra ez zela euskararen erabilera areagotzea, erabilera bultzatzeko baliagarriak diren baliabideak eta tresnak garatu eta frogatu nahi zituzten.
Eremu euskaldunetako eta eremu ez euskaldunetako 13-14 urteko gaztetxoak elkartu zituzten. Lehenengo taldekoentzat bi helburu zituzten: gaztelaniaz egiteko joera zutenekin euskara mantentzea eta beraiek hizkuntza ohiturez izan dezaketen eraginaz eta garrantziaz jabetzea. Bigarren taldearentzat beste bi helburu: ahalik eta denbora tarte luzeenetan euskaraz egitea eta euskaraz bizipen positibo indartsuak izatea. Bi eremuko gazteak nahastean arrisku bat zegoen: batzuek euskara askorik ez erabiltzea eta beste batzuek inoiz baino gehiago hitz egitea gaztelaniaz. Udalekuen ardatza euskara zela argi utzi zieten nerabe eta gurasoei egitasmoaren aurkezpen bileran. Beste gauza bat ere argi utzi zieten: ez zen barnetegia, udalekua baizik.
"Hezitzaile berritsua"
Begiraleek praka bete lan izan zuten. Helburu nagusietakoa zen erabilera areagotzeko tresnak praktikan jartzea eta haien baliagarritasuna frogatzea. Oso neurtuta zuten eremu formaletan eta informaletan nola jokatu, egunean-egunean zein jolas eta dinamika erabili, gaztelaniarako joera gailentzen zenean zein mekanismo erabili euskarara itzultzeko. Era honetako jokoak erabili zituzten: Sua, Pareko, Story cubes, Argi beltza, Hitz kateak, Emotikonoei hitza jarri, Hau ez da nirea, Mc Gyberren gynkana... Erabilitako jolas asko hizkuntzari lotuak ziren. "Hezitzaile berritsuaren" figura asko erabili zuten, hau da, figura horrek gaztetxoen artean esku-hartzeak izaten ditu elkarrizketetako hizkuntza bideratzeko. Begiraleek ez dute esaten "euskaraz hitz egin" edo antzekorik, zeharkako estrategiak darabiltzate.
Baina euskaraz gehiago egin zuten ala ez?
Hamar eguneko tartean egindako hiru erabilera neurketek baietz diote. Elkarrizketen ia %70 euskaraz. Neurketari dagokion garrantzia eman behar zaiola azpimarratu digute antolatzaileek, oso xumea eta mugatua delako. Nerabeek udalekuen bukaeran egindako balorazioak arreta handiagoz jarraitu zituzten. Bata, deigarria: eremu ez euskaldunetako hainbat gaztetxok esan zuen ohikoan baino askoz gehiago edo inoiz baino euskara gehiago erabili zutela hamar egunetan. Batek hala esan omen zion begiraleari, sekula ez zuela hainbeste euskara hitz egin. Begiraleak berriz bere golkorako: "Bera da bada udalekuetan gaztelania gehien hitz egin duena!". Begiraleak badaki ordea nerabearen esanak nolako balioa duen: euskaraz asko egin duen pertzepzioa du eta gainera azken eguneko balorazio unean esan du ikaragarri ondo pasa duela eta berriz joango litzatekeela udaleku berera.
Uztailean Eusko Jaurlaritzak, Ebete enpresak eta Ttakun Kultur Elkarteak euskararen erabilera areagotzeko erremintak fintzen jarraituko dute. | news |
argia-37eeb8b60dd1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/diabetesa.html | Intsulina, azukrea odoletik ateratzeko | Ainhoa Mariezkurrena Etxabe | 2018-06-17 00:00:00 | Intsulina, azukrea odoletik ateratzeko
Jon Cano donostiarrak diabetesa du. 12 urterekin diagnostikatu zioten eta gaur, hamar urte beranduago, hauxe da bere mezua: "Jendea asko larritzen da gaixotasunarekin, baina zaindu eta kontrolatuz gero, bizitza ez da hainbeste aldatzen. Gauza okerragoak badaude munduan".
Bi diabetes mota daude: intsulina produzitzen ez duena eta intsulinaren erabilera okerra ematen duena. Canok lehenengoa du; bere pankreak ez du organismoak behar duen intsulina produzitzen eta horrek glukosa (azukrea) odolean pilatzea dakarkio. Hori medikamendu bitartez jasotzen du: "Egunean hiru bider intsulina injekzio bat ematen dut. Kantitate bat daukat, medikuak markatua. Badakit, ordea, bazkari edo ekimen bereziren batean egongo banaiz edo zerbait berezia jan nahi badut dosia zertxobait handitu beharko dudala". Medikuarengana hiru hilabetean behin joaten dela gaineratu du, hemoglobina maila zaindu eta sustorik ez hartzeko.
Esaterako, duela sei hilabete susto bat izan zuela kontatu digu: "Arnasa hartzeko zailtasunak nituen eta medikuarengana joan nintzen. Flemak zirela esan zidan, baina koma egoerako sintoma bat zen. Handik bi ordutara koman sartu nintzen. Gogoratzen dut pisukideak etxean zeudela eta anbulantziari deitu niola. Azukrea begiratu zidatenean 580an nuen". Normalena, 70-100 bitarteko azukrea izaten du gorputz batek. Canok, medikamenduarekin 120 izaten du, gutxi gora-behera. 500etik gorako kasuetan ZIUra (Zainketa Intentsiboetako Unitatea) daramatela kontatu digu. Han pasa zituen bost egun: "Anbulantzian sartu ondoren ZIUn esnatu nintzela gogoratzen dut, gurasoen ondoan, zer pasa zen jakin gabe. Hasieran ez zidaten ezer kontatu, lehen bi egunetan ez baitzekiten bizirik jarraituko nuen ala ez".
Ohiko gaixotasuna da diabetesa, baina litekeena da hasiera batean ezertaz ez ohartzea. Glukosa altuak ez baitu minik ematen. Kaltea barrutik egiten duela azaldu du Canok. Hartara, zaintzen ez bada, organismo osoa hondatzera irits daiteke eta arazoak sortu bihotzean, oinetan, begietan edo giltzurrunetan, itsu gelditu edo hanka anputatzeraino ere: "Nire lagun bat itsu geratu zen 20 urterekin eta giltzurrunen funtzionamendurik gabe. Handik gutxira zendu zen. Hala ere, ez zuen batere bizitza osasuntsua egiten".
Diabetikoen ezaugarri bat da beste gaixotasunen kalteak nabarmenagoak direla. Katarro bat gaizki sendatzen bada pneumoniara irits daitekeela kontatu digu. Edo zauri bat sendatzeko beste gorputz batek baino bi bider denbora gehiago behar duela. Horregatik, injekzioez gaindi, bizitza osasuntsua eta, batik bat, elikadura osasuntsua izatea beharrezkotzat jotzen du. "Edozer sentitzen dela eta medikuarengana joatea aholkatzen dut, eta ez utzi eta utzi, nik hori egin nuen azkenekoan". Ildo berean mintzatu zaigu azukrea jan dezaketen galdetu diogunean. Pixka bat har dezaketela esan digu, beti ere ez den egunerokoan izaten, hori gaixotasunari jaramonik ez egitea litzakeelako.
Gaur "oso ongi" sentitzen dela gaineratu du, gainditzea kosta zitzaion arren. Medikuak esan zion: "Indarra zure kabuz hartu beharko duzu edo ez duzu inoiz hartuko". Hortaz, pixkanaka kalera irteten eta pisua hartzen hasi zen eta bizitza normala egiten du berriro. "Baldintza bat dut eta kito, ni ez naiz inor baino gutxiago edo gehiago. Gaixotasun hau, zaintzen bada, eramangarria da eta erraza, gainera".
Pankreetara itzuliz
Aurrez aipatu bezala, pankrearen intsulina jariaketa ezak dakar azukrea odolean areagotzea. Horren aurrean, gorputzean intsulina sartzea da maiz ematen den tratamendua, Canok egiten duen bezala. Dena den, shiatsu izeneko medikuntza alternatibo japoniarrak pankreen funtzioak berrezartzeko aholkuak ditu, beti ere laguntza moduan. Hainbat ariketa proposatzen ditu medikuntza mota horrek: Pertsona buruz behera etzan eta lepoaren goialdeko zazpigarren lepaornoa topatu beharko da lehenik. Hamar orno beherago dagoen muskulua erlaxatu ondoren. Azkenik, kontrakturadun gune muskular hori bizkarrezurraren bi aldeetan erlaxatzeak pankreen funtzioen hobekuntza ekar dezake. | news |
argia-a8f51f4c57bd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/enegarren-kasualitatea.html | Enegarren kasualitatea | Irati Majuelo Itoiz | 2018-06-17 00:00:00 | Enegarren kasualitatea
Gorputzak erakusketaren kronika. Artista: Iosune de Goñi. Uztailaren 1 arte ikusgai, Iruñeko Cafe Cream-en.
Argazkigintza analogikoa, lomografia, film soup . Nork esanen zidan horrelako gaiei buruz ikasiko nukeenik kafetegi txiki batean. Zer hobe, gainera, mundu hori zure lagun batek erakustea baino. Gorputzak erakusketa Iruñera ekarriko zuela esan zidanean, ez nuen aukera galdu nahi izan Iosune de Goñirekin elkartzeko. Normalean ez da oso urrutira joan beharrik lagun artista bat topatzeko, bere obra publiko egiten duen lagun bat, ordea, ez da hain erraz aurkitzen. Harekin elkartzeko denbora falta eta aitzakia txar gehiegi izaten ditugu, gainera, gehienetan. Baina oraingo honetan 10 minutu baino ez nituen behar izan Iruñeko Donibane auzoko Cafe Creamera iristeko. Kafea goxo atera zigun kafetegiko langileak, igandea goxatu nahian. Zer gehiago eska daiteke?
Gorputzak aurkitu nituen paretetatik zintzilik. Ez ziren, ordea, gizakion gorputzen erretratu hutsak, ezta paisaia estatikoei egindako argazkiak ere. Izan ere, Iosunek gorputzak gizakietatik harago ulertzen ditu: zuhaitzak, iratzeak, marmokak, natura osatzen duen oro da gorputz. Ez gara, baina, unitate bakar eta indibidualak, elkarri eragiten diogun bizidunak baizik. Bestea gabe, ez gara. Gure begiekin ikusten ditugun bukaeretatik harago, muga fisiko eta psikologikoak hautsi eta elkarren artean nahasten diren gorputzak gara, errepikatu, bateratu eta gainjartzen diren gorputzak. Horrela, eskuek eta iratzeek, besoek eta adarrek, begiek eta loreek, azalak eta urak bat egiten dute Iosuneren argazkietan.
Bertiz, Urbasa, Orgi. Nafarroako basoetan galtzen da Iosune, eta bertan aurkitzen du bere burua eta emakumeen gorputzen islada. Lurrarekiko eta gorputzarekiko dituen harremanak oso presente daude bere sorkuntzan, eta horiek bateratzen saiatzen da teknika berezi baten bidez. Film soup aren ideia pelikulak likidoren batekin interakzio kimiko bat izatean datza, lomografian ustekabeko efektua izan eta espero gabeko emaitzak lortzeko. Brigitte Bloom argazkilaria deskurbitzearekin batera ezagutu omen zuen teknika hau. Izan ere, Float On izeneko seriean Nevadan (AEB) ateratako zenbait argazki txizarekin nahastu zituen errebelatzerakoan, eta ametsen mundukoak diruditen irudi harrigarriak lortu zituen. Sorkuntza prozesu honek esperimentazioa eta sorpresa ditu oinarri, ezin baituzu inoiz jakin zer aterako den egindako nahasketatik. Gorputzak serieak kolore more, berde, urdin eta larrosazko unibertsoa biltzen du bere baitan, eta hori lortzeko de Goñik te beltza, fruitu gorrien infusioa, gerezi zukua eta hilerokoa erabili izan ditu. Berak dioen bezala, behin eta berriz eta saiakera askoren ostean lortutako irudiak dira. Enegarrenez saiatutako kasualitateak, baina ez dutenak kasualitateen magia galdu.
Gernikako Astran eta Gasteizko Artgian aurkeztu ondoren, kosta egin zaio Iruñean erakusketa jartzeko espazio bat topatzea. Cafe Cream ez da areto handi eta famatua izanen, baina sortzaile handi bat gordetzen du bere pareta zurietan. Aukera baduzue hurbildu zaitezte, uztailaren 1era arte geratuko da zuen zai. Ondoren, batek daki zer kasualitatek elkartu zaitzaketen berriro. | news |
argia-515001666a71 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/txus-garcia-andre-arraroa.html | "Ez dut esanahi itxietan sinesten, ez tarotean ez bizitzan" | Danele Sarriugarte Mochales | 2018-06-17 00:00:00 | "Ez dut esanahi itxietan sinesten, ez tarotean ez bizitzan"
Kontrakotzat jo ohi diren gauza asko uztartzen ditu Txus García rapsoda eta poeta queer-ak: patxadaz mintzo da, eta pasioz. Umorez erantzuten die galderei, eta sakontasunez. Umiltasunez dihardu, eta lotsarik gabe. Eta badu halako eragin bat entzuten ari zaionarengan: kazetari perfekzionistak, behinik behin, harekin hizketan hasi orduko ahaztu du urduri zegoela.
Rapsoda zarela diozu. Zer dela-eta?
Rapsodatzat dut nire burua, poetatzat edo beste edozein gauzatzat baino lehen, zeren urte asko daramatzat testuak ozen irakurtzen, eta niretzat hori da rapsodia, testuak irakurtzea halako moduan non zuzenean iritsiko baitzaizkio jendeari. Trobadoreen iturritik edaten dut: trobadoreak plazara ateratzen ziren eta askotariko jendea topatzen zuten hantxe –ez zen publiko literarioa–, eta mezu bat helarazten zuten modu atseginean, umorea erabiliz.
Idaztearen eta jendaurrean irakurtzearen artean bada alde bat: gorputza. Zuk hortxe ipintzen duzu, agerian.
Gorputzaren iragazkia oso garrantzitsua da niretzat, asko baliatzen ditut aurpegiko keinuak eta asko mugitzen naiz. Iruditzen zait, hala askoz modu potenteagoan iristen dela mezua. Saiatzen naiz hitza gorpuzten, oihartzun bihurtzen eta bibrazio hori jendeari iritsarazten. Apur bat mistikoa dirudi baina errezitatzen ari naizenean arreta asko ematen diot jendearen energiari, gertatzen diren gauzei: landu egiten ditut, eta txertatu. Errezitatzean ez naiz hutsean irakurtzen ari, aktiboki aditzen baizik.
Eta ahotsa?
Diotenez, onarpen-ariketa handia da norbere ahotsa kanpotik entzun eta gustuko izatea. Norbere burua zenbat eta landuago, orduan eta hobeto onartzen omen dugu gure ahotsa. Nik neuk bide bat egin dut ahotsarekin. Ahots berezi samarra daukat. Gorputz handi hau daukadanez, jendeak pentsatzen du halako ahots izugarri bat izango dudala, sakona, baina ez da hala. Bitasunarekin jolasten dut hor ere. Ondo gogoan daukat, 12 urte nituela, amak ogia erostera bidali ninduela. Oso lotsatia naiz, eta garai hartan ahots are finagoa neukan. Erreparo handiz eskatu nuen ogia eta han zeuden tipo batzuek ederki egin zuten barre nire lepotik. Irrigarri sentitu nintzen, umiliaturik, eta oso-oso gaizki. Erabaki nuen ez nuela sekula gehiago jendaurrean hitz egingo. Harik eta egun batean pentsatu nuen arte baietz, hasiko nintzela jendaurrean hitz egiten, etxean ozen irakurtzen nuen moduan, eta ordutik ibili naiz nire ahotsa lantzen, maitatzen, mimoak egiten… Uste dut gauza asko egin dezakedala ahotsarekin. Lanabes bat da, balio dit jendea hunkitzeko, jendeari barre edo negar eginarazteko, eta gaur egun nire auto-estimuaren parte handi bat da.
Zure bigarren poema liburua aurkezten zabiltza, eta hala deitu diozu aurkezpen birari: "Ama, begira zelako andre arraroa!". Kanpotik esandakoa zeureganatu duzu?
Bide bat izan da. Hasieran, herriko bollera nintzen, edo, hobeto esanda, herriko tortillera. Joan naiz termino horiek neure egiten, zeren dibertigarria da eta babes eta mezu gisa balio dizute. Ondoren, hazi nintzen eta queer -aren zera hori iritsi zen, eta orduan queer nintzen, zeren guaiagoa zen eta ni neu nahiko ondo moldatzen bainaiz queer tasunarekin, esentzia edo ideia gisa. Baina orain zahartu egin naiz, 44 urte ditut, eta hara, queer izatea ez datorkit hain ondo, jadanik ezin dut ilea edozein gisatan moztu [barreak].
Argazkia: Marisol Ramirez / Foku
Eta zuretzat zer da queer esentzia hori?
Niretzat queer da bizitzan nahi duzun hori egin eta horretaz gozatzeko erabaki pertsonala. Erabateko zoriontasuna bilatzea hala forman nola edukian, eta guztiz eta funtsean zu zeu izatea denbora guztian, zure bitxikeria guztiekin. Horregatik, eta aurreko galderari tiraka, orain, zahartu naizen honetan, andre arraro bat naiz: ez haragi, ez arrain, ez guztiz kontrakoa; maskulinoa, femeninoa, edo biak batera. Gaur, andre arraroaren etiketa hori sentitzen dut gertuen. Bihar, auskalo.
Aurrekoa baino intimoagoa omen da bigarren poema sorta.
Orain dela zazpi urte idatzi nuen lehen liburua, eta beti esaten dudan moduan, bizitza zazpi urteko zikloz osaturik dago. Zazpi urteotan gauza potente asko gertatu zaizkit: bi aldiz ezkondu naiz, eta birritan banatu, krisiak zuzenean eragin dit, bankuak etxea kendu zidan, lanik gabe geratu nintzen, kalean, jendeak hartu nau… Horrek guztiak eragin dio bigarren liburu honi. Baina liburuak ez zaitu lur jota uzten, nik beti sartzen dut umore-izpi bat, kontrapuntu bat. Bizitzak ere halako printzak ematen baititu, emozio ilunagoetan nabigatzeko.
Arbasoak ekarri dituzu gogora hainbat poematan.
Jaso dudana omentzeko ariketa egin dut. Bat-batean uzten diozu izan zaren eta eman dizuten horrekin guztiarekin borrokatzeari, konturatzen zara ari zarela amaren edo aitaren jarrerak hartzen. Eta orduan erabakitzen duzu horri ukorik ez egitea, hori txertatzea zugan eta eskerrak ematea, zeren badaude gauza batzuk oinordean hartu ditugunak, erabilgarriak eta onak eta praktikoak, nahiz eta muzin egiten diegun, batez ere gazteagoak garenean. Beraz hori egin dut, halako zuhaitz genealogiko bat, baina poemen bitartez, eta azkenean gurasoak askatu ditut erantzukizun guztiaz. Zama bat daukat, ez dudana nirekin eraman nahi, eta hor utzi dut, dagoen tokian; baina nire bizitza nigandik hasten da. Eta balio izan dit gauza positiboak berreskuratzeko.
Zer berreskuratu duzu?
Bada, batez ere, bizitzeko eta miseriatik ihes egiteko borondatea eta gogoa. Nire familian ez da izan bankaririk edo bulegaririk: lurreko eta itsasoko jendea izan dira denak, langileak. Are, neu izan naiz unibertsitatera joan den lehena. Badakit zer den lan egitea eta sufritzea, ezagutzen dut bizitzako miseria, eta horregatik nago eskertuta, arbasoek tresnak eman dizkidatelako lurrari eta gizatasunari loturik jarraitzeko.
Idatzi eta performatzeaz gainera, tarotologoa zara. Betiko aurreiritzietatik aparte tarota apenas ezagutzen duen batekin ari zara hizketan. Zer da tarota?
Tarota dira paper txiki batzuk, marrazki txiki batzuekin. Eta kito. Kasu honetan, karta-sorta bat da. Nik Marseillako tarota erabiltzen dut, jatorrizkoa, sinpleena. Erdi Arotik dator eta garai horretako iruditegia baliatzen du. 22 karta ditu, eta karta bakoitzak badu bere esanahia, hala ere, nik ez dut esanahi itxietan sinesten, ez tarotean ez bizitzan, beraz aurrean daukadan pertsonaren araberakoa izaten da. Labur esanda, tarota tresna bat da.
Zertarako balio du?
Tarot-saioetan kafe bat hartzen dut nigana jo duen horrekin. Beraz, elkarrizketa bat da, eta nik tarota erabiltzen dut pertsona hori bizitzen ari dena argitzeko. Ez naiz igarlea, ez mediuma ez halako ezer. Nik lagun egiten diot pertsona horri bere prozesuan. Batzuetan badira korapiloak gure bizitzan, eta nik laguntzen diot pertsona horri hariari tira egin diezaion, batzuetan zaila baita gauzak ikustea norbera barruan dagoenean. Ni kanpoan kokatzen naiz, tresna batekin, eta tresna horri esker, ez dakit zehazki nola, eta ez zait axola, baina tresna horri esker pertsonak bat-batean argi asko ikusten ditu gauzak. Nik ez dut ezer epaitzen eta ez dut inongo aholkurik ematen.
Argazkia: Marisol Ramirez / Foku.
Demagun banoala zuregana tarota egitera. Zer egin behar dut, nire egoera azaldu?
Ez, ez zait interesatzen zuk zure ikuspuntua kontatzea, ez datu asko ematea ere. Galdera zehatz bat egin behar didazu. Oso garrantzitsua da hori: galdera pentsatu behar duzunez, arazoa zertan datzan zehaztuko duzu, eta hori oso lagungarria da. Galdera egin ostean, hiru karta botako dizkizut. Begiratuko ditut kartak, begiratuko dizut zuri, eta hizketan hasiko naiz, baina aktiboki entzunez. Hiru karta horiek halako historia bat osatuko dute, eta ni kontalaria naizenez, bada hiru marrazki horiekin harilkatuko dut kontakizun bat, eta ez dakit nola, baina kontu interesgarriak aterako dira eta zuk argi ikusiko dituzu zenbait gauza. Nirekin tarota egiten dutenak zoriontsu ateratzen dira beti saiotik, eta etxeko lanekin.
Salatu duzu patriarkatuaren eragina sumatzen dela tarotean ere.
Gizarteak, oro har, badu halako premia bat jendea sailkatzeko eta etiketak ipintzeko, eta horrek denak ez dio inolako mesederik egiten igartzeko arteei. Igartzeko arteak oso zaharrak dira, gizakiok bezainbeste. Izan ere gizakiok ezin izan dugu sekula bizi soilik genekiena jakinda, beti nahi izan dugu ikertu eta gehiago jakin, aurrea hartu gertatuko zitzaizkigun gauzei, beldurragatik. Biblian bertan etengabe agertzen da hori. Kontua zer da, bada pertsona askok etekina atera diotela gizakion premia eta beldur horri, eta guztiz hutsaldu dutela igartzeko arteek izan behar luketena. Nire ikuspegitik tarota beste hori da, pertsona bati lagun egiten diozun une intimo hori: pertsona horrekin kafea hartu eta pertsona horri lagundu bere kabuz –bere kabuz!– argitu eta erabaki dezan ea zer egin nahi duen.
Orduan, heteropatriarkatuaren eraginari helduta, bi kontu daude: batetik, erabiltzaile moduan, tarota egiten dizutenean, emakumea bazara eta harreman bat agertzen bazaizu, beti ondorioztatzen dute gizonekin dituzula harremanak, aurrez ezer galdetu gabe. Hasieratik bertatik ondorioztatzen badute ez zaren zerbait zarela, nola demontre komunikatuko zarete? Bestetik, badirudi tarotologoak bi eratakoak bakarrik izan daitezkeela, bestela ez omen dira sinesgarriak: ilea harro-harro egindako emakume guztiz normatiboak edo sekulako luma daukaten maritxuak.
Tarot erabiltzaileen inguruan ere bada aurreiritzirik.
Tarot erabiltzaileak emakumeak dira batez ere, zeren emakumeek beti bilatu behar izan dituzte beren espazio propioak aditzeko eta adituak izateko. Eta, horretarako, tarotak espazio ederra eskaintzen du, bere garaian Elizak eskaintzen zuen moduan. Gainera, tarotean, azaldu eta aditzeaz gainera, jakin dezakezu zer gertatuko den, eta apaizak ez dizu halakorik emango. Eta tarotean inork ez dizu aginduko ez dakit zenbat aitagure erreza ditzazun zure bekatuak garbitzeko. Oso toki egokia da barrenak husteko, batez ere isolaturik dauden emakumeentzat. Beraz, iruditzen zait tarota mespretxatzen duen jendeak ikuspegi klasista duela, eta ez batere errealista. Halako espazioak mantendu behar dira, premiazkoak dira.
Lanbidez, hezitzailea zara.
Bai. Lau urte egin ditut Generalitat-aren proiektu batean lanean. Xarxa Omnia du izena: herritarrak interneten sartzeko doako guneak dira. Jendea joan daiteke bertara eta IKTei buruzko oinarrizko gauzak ikasi. Ni Bartzelonako Gracia auzoan nabil: horixe da Bartzelonako bertako ijitoen komunitatea biltzen duen gune nagusietako bat, eta beraz, Kataluniako Ijitoen Elkarteen Federazioak kudeatzen du nire lantokia. Haiek dira nire bigarren nagusia, nolabait esatearren, baina niretzat, haiek dira lehenak eta garrantzitsuenak, haiekin egiten baitut lan.
Zer ikasi duzu lau urteotan?
Ni hara iritsi nintzen salbatzaile banintz moduan, nire pribilegio guztiekin, eta Generalitatak aurkeztu zidan hura guztia, antolatzeko asmoz: tailerrak egin, jarduerak prestatu… Dena oso polita. Baina hara iritsi eta errealitatearekin egin nuen topo. Sekulako kolpea izan zen. Hasteko, han ez ninduen inork behar, jakina, eta ez ninduen inork nahi. Zaila izan zen. Lurrera jaitsi behar izan nuen, berriro, eta begiratu, eta aditu, eta isildu. Hori guztia oso garrantzitsua da, eta horixe egin nuen. Nire pribilegioak albo batera utzi eta hutsetik abiatu. Eta egon. Horixe da gakoa. Asko ikasi dut: nire buruaz ikasi dut, eta ari naiz ikasten erne egoten, aditzen, tokatzen ez zaidan tokietan muturrik ez sartzen, nirea ez den hizkuntzan ez hitz egiten, haien ohiturak ez hartzen –ni ez bainaiz ijitoa–, eta beste hainbat gauza. Orain ondo nago, pozik, inguruarekin harmonian nago. Nire espazioa daukat, jendea nahieran sar eta irten daiteke, eta uste dut garaipen bat dela hori.
Alegia, norbera bezalakoa den jendearekin elkar bizitzea ez dela jende horren izaeraz jabetu nahia.
Ez horixe. Niretzat hauxe da inportanteena: orain badudala zeregin bat komunitatean, erabilgarria naizela. Nire lana da atea zabalik edukitzea eta iristen zaizkidan eskaerak jaso eta erantzutea, edozein izanik ere: eskabideak bete, familia baten arazo jakin bat entzun, medikutan hitzordua eskatu… Behar adina gauza. Horixe da nire betekizuna, eta ase egiten nau, gainera.
Argazkia: Marisol Ramirez / Foku. | news |
argia-fd3d5f99589d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/bizkaiko-basoa-kontserbazio-kaxkarrean-baina-atzera-buelta-egiteko-garaiz-oraindik.html | Bizkaiko basoa: kontserbazio kaxkarrean, baina atzera buelta egiteko garaiz oraindik | Amaia Lekunberri | 2018-06-17 00:00:00 | Bizkaiko basoa: kontserbazio kaxkarrean, baina atzera buelta egiteko garaiz oraindik
Bizkaiko baso autoktonoa berreskuratu eta basoen kudeaketa publikoan aldaketak sustatzeko helburuarekin, Kolore Guztietako Basoak plataformak iazko urrian eman zuen ezagutzera bere burua. Bertako basoaren galerak lurraren emankortasunean eta bioaniztasunean daukan inpaktu negatiboaren aurrean, plataformak konponbiderako bidea marratzera gonbidapena egin du aurkeztutako proposamenarekin.
Eusko Jaurlaritzak basoen kontserbazio egoeraren inguruan 2011n egindako azterketak Euskal Herriko basoen kontserbazio egoera kaxkarraren berri eman zuen. Bizkaia da, azterketaren arabera, landare autoktonoak (haritza, erkametza, haltza, artea eta pagadia) barne hartzen dituen gainazal gutxien duen lurralde historikoa, eta ondorioz, kontserbazio eskasena duena. Lurraldearen gainazal osoaren %71,86ko baso-azalerarekin, honen %59,55 osatzen dute zuhaiztiek, 158.988 hektarea. Baso-azalera horren %75,61 eukalipto eta pinu plantazioak dira ordea, eta bertako espezieek baso-azaleraren gainontzeko %24,36 besterik ez dute osatzen. Espezie autoktonodun zuhaiztiak, gainera, txikiak dira eta elkarrengandik sakabanatuta daude, osasuntsua kontrakoa litzatekeelarik plataformako kide Julen Villasanten arabera.
Egoera horretara nola heldu garen azaldu du plataformak. Honen arabera, Radiata pinua 1847an heldu zen lehen aldiz Bizkaira, eta kanpotik ekarritako zuhaitz honen mozketak ahalbidetu zien hainbati "euren baserrietako teilatu eta etxebizitzen diru-sarrerak" ordaintzea. Mende eta erdi igaro den honetan, baina, Radiata ren jatorrizko lurraldea den Kalifornian pinu honen hedadura 4.000 hektareakoa den bitartean, 70.000 hektareakoa da Bizkaian, baso eremuaren %53. Egurra ekoiztu asmoz landatzen hasitako espezie aloktonoek (jatorriz kanpokoak) bertakoak ordezkatzen amaitu dute.
Egurra ekoiztu asmoz landatzen hasitako espezie aloktonoek bertakoak ordezkatzen amaitu dute.
Azken urteetan pinuaren egurrak balioari dagokionez izan duen beherakadak, kanpoko beste zuhaitz baten landaketa masiboa eragin du: eukaliptoa. Landare honek osatutako zuhaiztia da azken urteetan hedadura gehien izan duena, eta neurririk hartu ezean hedatzen jarraitu duela ohartarazi du plataformak.
Bertako basoa kanpokoagatik ordezkatzearen albo kalteak
Pinua bezalaxe, eukaliptoa ere "merkatu globalaren legeen menpeko produktua" dela adierazi du plataformak, eta "zalantzazkotzat" jotzen du epe luzera begirako honen errentagarritasuna. Faktore ekonomikoei dagokionez ekarri ditzakeen onuren gaineko mesfidantza alde batera, nabarmen negatiboak diren bestelako eraginak ere ekarri ditu eukaliptoak gurera. "Eukaliptoak beste espezieei konpetentzia egiteko mekanismoak garatu ditu, ura xurgatzen du ingurutik eta basoak sute-arriskuan jarri, sutetik bizirik ateratzeko gaitasuna baitauka" azaltzen du Villasantek. Era berean, xurgatzen duen ur hori bere hazkuntzarako erabiltzen du, "inguruetako erreken emariak gutxitu eta flora zein faunari kalte larriak eraginez", Villasanten arabera. Hau gutxi balitz, eukaliptoa egondako lur-eremua leheneratzea konplexua da oso, hainbat belaunaldiz jarraitzen baitu eukaliptoak moztutako aleetatik berriro jaiotzeko saiakerak egiten.
Eukaliptoaren kalteak alde batera, plataformak azpimarratzen du Radiata pinuak zein eukaliptoak, biek eragiten dutela lurzoruaren zaurgarritasuna. Hauen landaketa zein uzta metodoak produkzio funtzioa besterik ez dute betetzen, ingurumen faktoreetan erreparatu gabe. Bioaniztasunari dagokionez, baina, dezenteko kalteak eragiten dituztela adierazten du plataformak, arrisku nagusi gisa azpimarratuz espezie inbasoreak sartzea eta h
abitataren suntsiketa zein zatiketa.
Pinu zein eukalipto monokultiboak lurzoru emankorretan eta materia organikoari dagokionez aberatsetan landatuak izan arren, basogintza gestioak lur horietan negatiboki eragiten duela azaltzen du plataformaren txostenak. Pinuen kasuan 35-40 urtero eta eukaliptoen kasuan 12-15 urtean behin egiten diren mozketetan, adibidez, eremu osoko zuhaitzak ebakitzen dira egungo basogintza gestioak darabiltzan teknikekin. Eta mozketa horiek zuhaitzen gerizpean sortutako oihanpearen desagerketa eragiten dute. Pistak irekitzeko makinaria pisutsuaren erabilpena, egurra arrastaka erabiliz egikaritzen diren lanak, zein lan mekanizatuak dira gestioari dagokionez bioaniztasuna kaltetzen duten beste zenbait faktore. Honek guztiak eragiten dituen kalteen artetik nabarmentzekoa da lurraren karbonoa xurgatzeko gaitasunaren galera, zeinari esker aldaketa klimatikoari aurre egiten zaion.
Bertako basoa leheneratzeko beharrizan larria azpimarratu du Kolore Guztietako Basoak plataformak.
Bestelako baso kudeaketaren aldeko apustua
Egoera hau izanik, bertako basoa leheneratzeko beharrizan larria azpimarratu du Kolore Guztietako Basoak plataformak, eta horretarako neurriak hartzerakoan, "ausardia administrazioak izan behar duela" dio Villasantek. Proposamena, gehienbat, Bizkaiko Foru Aldundiari eta udalei zuzendurik dago, baso autoktonoak berreskuratzerakoan beraien esku-hartzea esanguratsuena delakoan.
Basogintza kudeaketa eredua aldatzeko planteamendua egin dio plataformak Foru Aldundiari, bere esku dauden titularitate publikoko lurrei begira gehienbat. Irizpide orokor gisa, bertoko basoa leheneratzeko xedez, espezie aloktonoek hartzen duten lurren azalerari muga bat jartzeko eskatu diote, mendi publikoetan espezie autoktonoak sustatzearen alde 1994an onartutako araua orain artean ez duela bete azpimarratuz. Eta Naturatik Hurbileko Basogintza proposatu dute, berau uste baitute dela produkzioa eta kontserbazioa hobekien uztartzen dituen metodoa: bioaniztasuna zaindu eta egurgintza bertoko basoarekin egitea ahalbidetzen duena, Europako hainbat herrialdek ziurtatu duten eran.
JULEN VILLASANT:
"Ausardia administrazioak izan behar du"
Jabego pribatuetako basoei dagokienez, zuhaiztien %76,24 osatzen dutela kontutan hartuta, bertan egiten denak garrantzia izango du ezinbestean. Hori horrela, Kolore Guztietako Basoak plataforma prest agertu da Naturatik Hurbileko Basogintzaren aldeko apustua egin nahiko luketen eremu pribatuetako jabeei aholkularitza emateko. Hala ere, argi utzi dute ardura Aldundiak daukala eta honi dagokiola bai lursailak erosi eta leheneratzea, bai era horretan jarduteko prest leudekeen ugazabentzat diru-laguntzak eskaintzea. Laguntzak urte amaierarako eskuragarri egongo direla aurreikusten dute.
Gainerako neurriei dagokienez, Aldundiak orain arte erakutsitako jarrera eskastzat jo eta lanean jarraitu beharra azpimarratzen du plataformak. "Beste modu batean ekoizten saiatu beharra daukagu (…) beste toki batzuetan egin da eta beraz, posible da", ziurtatu du Villasantek. Herriz herri dabiltza proposamena ezagutzera ematen, eta Atxondo, Ea eta Bakioko udalerriak, adibidez, bide horretan lehen pausuak ematen hasiak direla aurreratu dute. | news |
argia-28bccb24f9e1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/asmo-onak.html | Asmo onak | Montserrat Auzmendi del Solar | 2018-06-17 00:00:00 | Asmo onak
Urte batzuk dira Opus Lirica elkartea Donostian opera-denboraldi egonkor bat ezarri nahian ari dela. Pausoz pauso, espektakulu desberdinak antolatzen ari da elkartea, ea benetan operaren beharra sortzen den hirian. Joan den martxoan Pucciniren La Bohème interesagarri bat eskaini zuten, eta oraingo honetan, hain ederra den Christoph Willibald Glucken Orphée et Eurydice -ren txanda izan da.
Benetan txalogarria da talde honen ahalegina, kontuan harturik honetarako diru-laguntza eskasa dutela. Baina, tamalez, diru-eskasia hori nahiko nabarmena izan da aldi honetan. Opera, berez, ikuskizun garestia da, oso garestia. Hain ikusgarria den espektakulu honek baliabide izugarriak behar ditu: orkestra, korua, bakarlariak, attrezzo-a, argiztapena, eszenografia… Eta, sukaldaritzan gertatzen den bezala, osagaiak primerakoak izan behar dira. Bestalde, ikuskizun hain konplexua denez, edo miresgarria da edo penagarria. Horrelako saiakerentzat ez dago tarte handirik.
Ez dut esan nahi Orphée et Eurydice hau erabateko porrota izan zenik, baina igandekoa ikusita, ez doazela bide onetik esango nuke. Eszenaratze diseinuarekin hasiko naiz. Marta Eguiliorrek zerbait ausarta baina dotorea egin nahi izan du, eta, zoritxarrez, ez bata ez bestea. Berak esaten duen bezala, leku ilunak hartzea erabaki zuen, japoniar Butoh estetikatik eta espresionismo alemaniarretik hurbil. Ideia ona da, eta ziur nago Eguilior andreak, baliabide gehiagorekin buruan duen irudia lortuko zuela. Baina sado-maso ukitu sinple batean geratu zen. Eta ez bereziki elegantea.
Musikarekin jarraitzen badugu, Opus Lirica Orkestra, Lara Diloyren batutapean, zatarki aritu zen. Kostata lortu zuten koruarekin behar den koordinazioa. DOZE abesbatzak, bestalde, lan gehiago egin behar du fintasuna lortzeko.
Agian okerrena Matteo Mezzaro tenorea izan zen. Orphée -ren rola handia geratu zen berarentzat. Ahots boteretsua du, hori egia da. Baina Ferrari kotxeekin bezala, horrelako makina ondo erabili behar da. Ahots kontrola falta zitzaion. Benetan larri ibili zen, bai agudoetan, bai koloratuetan.
Hori bai, Ainhoa Garmendiak Eurydice zoragarria egin zuen, ondo-ondo abestuta eta interpretatuta. Eta Alicia Amo-k Amour- en rolean ahots garbi eta distiratsua erakutsi zuen. | news |
argia-8db5712758b3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/osakidetzako-oposizioetan-egindako-tranpak-fiskaltzaren-esku-jarriko-dituzte-sindikatuek.html | Osakidetzako oposizioetan egindako tranpak fiskaltzaren esku jarriko dituzte sindikatuek | ARGIA | 2018-06-06 00:00:00 | Osakidetzako oposizioetan egindako tranpak fiskaltzaren esku jarriko dituzte sindikatuek
LAB, ESK, ELA eta CCOO sindikatuek fiskaltzara jo dute edo joko dutela iragarri dute, Osakidetzako oposizioetan izandako irregulartasunak ikertu ditzatela eskatzeko. Zenbait medikuri oposizioetako azterketak aldez aurretik pasa zizkietela pentsatzeko motibo asko daude, ezohiko emaitzak ikusita.
ELA izan da fiskaltzara jo duen lehenbiziko sindikatua: EAEko Fiskal Nagusiaren aurrean jarri du salaketa sindikatu abertzaleak. Dokumentu bat aurkeztu dute, azken egunetan ezagutu diren gertakarien berri emanez eta ikerketa sakona egin dadila eskatuz.
LAB eta ESK sindikatuek ostegun honetan joko dute fiskaltzara, kasu honetan Arabakora, beraien esku dauden frogak aurkezteko. LABek xehetasun asko biltzen dituen azterketa bat osatu du, zeinean hamar espezialitatetako azterketen notak analizatu diren, ondorioztatuz ezohiko emaitzak izan direla: azterketa ia perfektuak egin dituztenen kopuruak bat egiten du eskainitako plaza publikoenarekin; eta azterketetako galderen zailtasuna kontuan izanda, susmoak eragin ditu horrek.
ESK-k berriz, oposizioetako notak argitaratu aurretik notarioaren aurrean aurkeztu zuen zerrenda bat, anestesiologia alorrean emaitzarik onenak lortuko zituzten medikuen izenekin. ESKren zerrendak eta plaza lortu duten medikuenak bat egiten du.
SMEk dio 12 alorretan egon daitekeela iruzurra
Euskadiko Sendagileen Sindikatuak (SME gaztelaniazko sigletan) bere webgunean informatu duenez, Osakidetzako 12 alorretako azterketetan daude iruzur-zantzuak. SMEren ustez, emaitzak ikusita zenbait medikuri galderak filtratu zitzaizkiela pentsatzeko arrazoiak daude.
Orain arte egindako 42 azterketa aztertu ditu SMEk eta dozena batek eragin dituzte susmoak. LABek egindako txostenarekin konparatuz gero, hamabi horietatik bederatzitan bat egiten dute bi sindikatuek.
CCOO sindikatuak ere fiskaltzan salaketa jartzeko asmoa dute eta informazioa biltzen ari dira horretarako. UGTk berriz, oposizioetan iruzurra egon dela dioten frogarik ez daukan arren, adierazi du beharrezkoa den guztia egitea babesten duela prozeduraren gardentasuna bermatzeko. | news |
argia-5672f72776b3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/sinesmen-baten-aitortza.html | Sinesmen baten aitortza | Irati Elorrieta | 2018-06-17 00:00:00 | Sinesmen baten aitortza
Konfesiorik ez badut, jainkoren batean sinesten ez badut, zertan sinesten dudan galdetu zidaten azkenengo aldian, hirugarren lekuan esan nuen istorioetan sinesten dudala. Ipuinetan sinesten nuela esatea bezala izan zen. Inguruan eserita nuen epaimahaiak erantzun hori azaltzeko eskatu zidan. Istorioetan sinetsiko ez banu, ezingo nuke idatzi, esan nien, eta seguruenez, ez nuke irakurriko. Gauza batzuk, esaten ditugun arte, ez dakizkigu. Bueno, jakin bai, baina beste modu batean.
Egia lotsarik gabe esateko, istorioekin dudan harremanik gabe, mundua toki hotzagoa litzateke, bakartiagoa. Irakurtzean –eta idaztean– testua ni naiz. Edo ni naiz testua. Bat egiten dugu barruan. Ez dut lotsatu behar, jende askori gertatzen zaio eta, gainera, zientifikoki frogatuta omen dago. 2009an garuneko eskanerren bidez ikertu zuten zer gertatzen den jendearen buruan fikzioa irakurtzen dutenean: irakurleek mentalki simulatzen dute narrazioan topatzen duten gertaera bakoitza. Testutik hartzen duguna gure esperientzietan integratzen dugu. Garunean gertatzen diren prozesuak zeintzuk izan daitezkeen irudikatu dezakegu, baina "frogatu" egiten dutenean, aho zabalik geratzen naiz.
Gure oroitzapenak burmuinean idatzita ditugun istorioak dira. Uste dut hau ere frogatuta dagoela. Iraganarekin egin dezakegun bakarra da: kontatzea. Kontatzen dugun bakoitzean zentzu bat ematen diogu. Zentzu hori aldatuz edo zuzenduz joan gaitezke beharren arabera, informazio berrien arabera, ausardiaren arabera... Memoria historikoarekin egiten dena, memoria pertsonalekin ere egiten dugu. Liburuetan irakurritako istorioak prozesu horietan sartzen dira. Irakurketa batzuek terapia sesio baten eragina izan dezakete.
Gozamena ahalbidetzen duen irakurketa trebatu egiten den zerbait dela uste dut. Badu magia dosi bat, noski. Testuko mundua eta barruko munduaren elkarketa, talka, "gertatu" egiten da. Baina gertatzeko, irakurtzen harrapatu behar zaitu. Behin bizi izan duenak behin eta berriro bilatuko du. Bolada batez irakurtzeari uzten dionak ere, gehienetan "itzulera" bat bizitzen du aurrerago.
Irakurketan trebatzen eta murgiltzen ari den seme bat dut. Ez ditu liburuak orain deskubritu, baina fase berri batean sartzen ari da, bat-batean maitemindu egin balitz bezala. Zoragarria da kanpotik ikustea, ikusi ez, baina sumatu dezakedan zerbait gertatzen ari zaio. Ez da kontraesana. Bere barruan zer gertatzen den ezin dut ikusi, baina ikusten dut bere aurpegia: burua beste leku batean duelako, gorputzaren presentziaren eta absentzia mentalaren arteko tentsioa ikusgarri egiten duen aurpegia. Interesatzen zaion zerbait aurkitu du. Tamalez, ez da gertatu nik proposatutako liburu batekin, aitak ekarri dizkion Dragoi Bolaren komikiak izan dira giltzarria. Baina berdin dio. Gustua hartzen badio, eroriko zaizkio eskuetan beste gauza batzuk ere.
Umetako bizipenek markatzen gaituzten bezala, umetako irakurketek ere markatzen gaituzte. Gure barruko eraikuntzaren materialak dira biak ala biak. Beste batzuen bizitzetan, jokatzeko moduetan, pentsamenduetan sartzen uzten digute fikziozko istorioek. Eta sinesten dudana da, horrek prestatu egiten gaituela gu geu eta gure ingurukoak hobeto ulertzeko, munduarekiko jakin-mina izateko. Irakurtzen duen orok dakien zerbait da hau. Zergatik esan orduan? Aski da irakurtzen dugunean zer egiten ari garen kontuan izatea. | news |
argia-e742fb9fd3d1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/estatistikak-zerbitzuen-ekonomian-dantzan.html | Estatistikak: zerbitzuen ekonomian dantzan | Endika Alabort Amundarain | 2018-06-17 00:00:00 | Estatistikak: zerbitzuen ekonomian dantzan
Tokiko administrazioak, aldundiak eta gobernu autonomikoak poz-pozik daude. Hazkunde ekonomikoan gaude, langabezia tasa murriztu da. Zerbitzua da puntako sektorea eta ez dute turismofobia hitzarekin izendatu duten protesta multzoa ulertzen. Euskal Herri penintsularra ondo doa.
Bai, egia da azken urteetan langabezia tasa murriztu dela. EAEn %10,8 ingurukoa da, Nafarroan pixka bat murritzagoa; krisi aurreko datuak direla diote. 24 urte baino gutxiagoko gazteek latzagoa dute, euren langabezia tasa %28 inguruan baitabil. Bueno, masterrak eta gradu-ondoak ikasten dabiltza, haientzako kalitatezko enplegua urria baita, nahiz eta hori irtenbidea ez izan. Hala ere, prekarizazioa dela eta, magnitude horrek langileen egoera azaltzeko gaitasun handia galdu du. EAEn sinatu ziren kontratuen %93 behin-behinekoak ziren 2017an, %40 lan jardunaldi partzialean. Langabezia tasa baxuagoa bai, baina enplegudunek lan baldintza okerragoak dituzte.
Bestalde batetik, behin eta berriro hazkunde ekonomikoa ematen ari dela aldarrikatzen dute. Frankestein zerbitzu sektorea da horren irabazlea, industria, eraikuntza eta lehen sektorearen aurretik dago eta, ondorioz, enpleguaren hazkundea sektore horretan ematen ari da: EAEn, hamar enplegutatik zortzi. Horrekin lotuta, gastu turistikoa, 2005-2016 artean EAEko BPGren %5,5 izatetik %6,1 izatera pasatu da, hazkunde nabaria. Depresio Handitik ateratzeko erakunde publikoek beraien Grial Santua aurkitu dute: zerbitzuen sektorea bultzatzen ari dira, ostalaritza, merkataritza eta turismoa adibide nabarienak izanik. Horrela ulertzen da hainbat azpiegituraren garapena eta hirietan garatzen ari diren "kultura" ekitaldiak. Aberastasuna eta hazkundea dakartzatelako, langabezia tasa murriztuz.
Baina zer gertatzen da sektore horietan ordaintzen diren soldatekin? Sektoreka aztertzeko informazio gaurkotuaren gabezia dago. Nahiz eta aldeak izan, erabilgarria izan daitezke INEren 2016ko datuak, Espainiako Erresumarako direnak. Batez besteko soldata hartuta, merkataritza horren %85 da, administrazio jarduerak eta beste zerbitzuak %69 eta ostalaritza %61. Sektore horietan genero arrakala %30 baino handiagokoa da.
Bultzatzen ari diren sektoreekin diru arina dator, bai, baina langileen artean birbanatzen ez dena, gizarte polarizazioa areagotuz. Langabezia tasa murritzen dute, baina enplegu ezegonkor eta prekarioen bitartez. Soldatetan genero arrakala handia duten sektoreak dira. Administrazioak kontuz ibili behar dira, epe motzeko hazkunde ekonomikoa dela eta, itsuturik ez geratzeko. Ezpabere, gizarte kohesionatu eta justu bat izateko kontrako bidea hartuko dugu. | news |
argia-23d085325b3b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/tokioko-aireportuari-50-urtez-aurre-egin-dioten-baserritar-egoskor-horiek.html | Tokioko aireportuari 50 urtez aurre egin dioten baserritar egoskor horiek | Pello Zubiria Kamino | 2018-06-17 00:00:00 | Tokioko aireportuari 50 urtez aurre egin dioten baserritar egoskor horiek
Japonian 2020ko Olinpiar Jokoak hasterako estreinatuko ote dute Tokioko Narita aireportuaren hirugarren pista? Agintariek proiektuari ekin eta 50 urte geroago, osatu ezinik segitzen dute beren lurrari eta lanbideari uko egin nahi ez dioten baserritarren erresistentzia dela medio. Jasandako presioengatik edo diru beharragatik amore eman badute gehienek, bakan batzuek eusten diete baratzeei bizirik. Hegazkinez inguratuta aitzurrean, erresilientzian maisu.
Historiak ez du errukirik mainstream uhinak aparte laga dituenekin. Parisko maiatz ospetsuko istiluez edo Kaliforniako sukarraldiaz harago, 68a izan zen zerbait Japonian ere. Orduko ilintiek bizirik segitzen dute Narita aireportuaren trafiko zoroaren erdian.
Tokioko aireportura iristean hegazkinetik panoramika bitxi bat ikus dezake bidaiariak, ez hanka eta ez bururik gabeko bi pista baitauzka era bitxian kokatuak, elkarri trakets komunikatuak. Zorrotzago erreparatzen badu, baserri bakan batzuk topatuko ditu aireportuaren erdian, aireplano, pista, bide eta hesiz inguraturik baina etxalderik emankorrenak bezain txukun landuta.
Naritako baserritarrak bisitatu ditu France Press agentziak maiatzean. Argazki eta bideoetan froga daitekeenez, labore eta negutegi txikietatik metro oso gutxira aireratzen dira edo lurreratzen hegazkinak. Zer nolako zarata dagoen, aipatu beharrik ez.
"Denborarekin ohitu egiten zara" esan dio kazetariari Takao Shito nekazariak. Batean eta bestean barreiatuta dauzkan baratze batzuetan ilarrak, errefauak edo azenarioak erein bezala biltzera soilik pisten azpiko tuneletatik iritsi daiteke.
Baina berak dioen moduan, ez dago zure esku zure bizilagunak aukeratzea. "Lurrok gure hiru belaunaldik landu ditugu, ia mende batez, aitonak, aitak eta orain neuk. Eta hemen jarraitu nahi dut, bizitzen eta nekazaritzan". Hala izango da baldin eta Tokioko agintariek ez badute lortzen azken zortzi lur jabeak kanporatzea: urtero 40 milioi bisitari mugitzen dituen Narita hirugarren pista batez hornitu nahi dute 2020ko Olinpiar Jokoak baino lehen eta gogor datozkie bultzaka baserritarrei.
Japonia modernizatzeko beroaldi betean 1966an diseinatua , lekuko baserritarrek ezkerreko mugimenduen laguntzarekin sututako borroka gogorrak atzera erazi zituen obrak. 1978an inauguratu zuten hasieran diseinatutako hiru pistetatik bakar batekin eta 2002a arte ez zuten agintariek lortu bigarrena gehitzea.
Aireportua zabaltzeko lurrak erosi zizkieten inguruko nekazari gehienei, baina Takao Shito eta beste zazpik ez zuten onartu, Japoniak laborantzako lurra babesteko daukan legedia baliatuz. Euskal Herrian izan balitz, hilabete baino lehen desjabetuko zuketen udalak ez bada aldundiak, Jaurlaritzak edo Madrilek. Aldiz, Tokion posible da ikustea aireportu batean pistetara iristeko bide bat bihurgune bitxiak egiten baratze batzuen mugak jarraituz, hesi tartean inguratzen dituelarik baserriak.
Shitok sei auzi ezberdin dauzka aireportuarekin epaitegietan. Agintariek kalte-ordainak eskaini dizkiote baina berak dioenez "dirua ez da dena. Nik nekazaritza ekologikoa egiten dut, pestizidarik gabea. Ezin duzu pentsatu lur horren gaineko geruza hartuta beste norabait eraman eta han berdin emango dizunik".
Tirabirak egunero dauzka aireportuarekin. Goardekin bezala beti handik dabiltzan poliziekin izan du enkontrurik. Behin eta berriro geldiarazi eta nortasun agiria eskatzen diote, nahiz eta oso ondo ezagutzen duten. Baina ez dela bertatik mugituko dio Shitok, kontent bizi dela bere 400 bazkideei barazkiak zerbitzen. "Hau da nire bizia. Maite dut barazkiak ekoiztea hemen, lur honetan, zaporea ere ezberdina daukate".
68 japoniarraren arrastoak
Bezero eta hornitzaileez gain bestelako bisitariak ere izaten ditu Takao Shitok, bere borrokan alde dauzkanak. Kazetariak topatu du Nobuharu Ito, 71 urteko gizona, unibertsitate garaian Naritako borroketan ibilia eta berrikitan azken baserritarron erresistentziaz entzun ostean berriro mobilizatu dena: "Shitoren bizimodua, nola ez duen dirua jartzen edozeren gainetik... iruditzen zait honek jendeok hunkitzen gaituela inoiz baino gehiago".
Nobuharu Ito unibertsitatean zebilenean, 1960ko hamarkadan, gobernuak eremu bat baino gehiago aztertu zituen Tokiok behar zuen aireportua eraikitzeko, baina udal guztiek banan-bana beren ukoa emanik, azkenean Narita hautatu zuten, zehazki Sanrizuka ingurua.
Naritak, ustez, abantaila bat bazuen: Sanrizukako lur gehienak estatuarenak izaki, II. Mundu Gerrak miserian utzitako jende txiroari alokairuan utzita zeuden eta gobernuak espero zuen maizterrok erraz konformatzea. Baina lur propiorik gabeko nekazari txiroek bat egin zuten beren soroak saldu nahi ez zituzten lur jabe txikiekin.
Naritako aireportuko gatazka azaltzen duen Wages of Resistence [Erresistentzia uhinak] dokumentalean kontatuta dago nola maizter txiroek haserre hartu zuten inolako azalpenik gabe gobernuak esatea "utzi nizun lur hori itzuli behar didazu berriz". Beren bizimodua, oso txiroa izanda ere, urteetan lortutako guztia galtzeko beldurrez agintariekin kolaboratzeari uko egin zioten.
Polizia hasi zenean gogorrago hartzen beren lurrak defenditzen zituzten gizon eta emakumeak, ezker erradikaleko talde asko hurbildu zitzaizkien, tartean unibertsitateetako ikasleak. William Andrewsek idatzi zuen " Japanese radicalism and counterculture " blogean: "Munduko garai hartako beste gazte askok bezala, beren gurasoek kapitalismoaren eta inperialismoaren morrontza onartzen zutela uste zuten gazte japoniarrek erreakzionatzeko aukera ikusi zuten Sanrizukako gatazkan. Hala gertatu ziren Japoniako aktibismoaren protestarik bortitzenak. Sei pertsona gertatu ziren hilik eta ehunka zauritu eta atxiloturik".
Gaurko begiekin erreparatuta, Naritan bezala Tokioko kaleetan manifestarien eta poliziaren arteko istiluen irudiak harrigarri suertatzen dira beren gogorrean. Kronika honen interneteko bertsiotik ikus daitezkeen bideoek –1960ko hamarkadakoa bata, 1985koa bestea– erakusten duten borrokaren gordintasuna izugarria da.
Baina baserritar sorta batek eta ezker muturreko militanteek estatuari aurrez aurre egindako desafioak ezin zuen irabazi. Atxiloketak, nekea, eskaintza ekonomikoak... mobilizazioak ahultzen joan ziren eta nekazariak lurrak saltzen. Ez denak ordea: oraindik 2018an Naritak bere soin osatu gabean krater, pikorta edo garatxo moduan erakusten dituen etxaldeetan kimikarik gabeko barazkiak ekoizten dituzte.
Aukerarik uzten badiote, Shitok jarraitu nahi du Naritako aireportuaren aldamenean bizitzen. "Gobernuak zerbait egin edo esaten duenean, jende gehienek ontzat ematen dute galdera gehiegirik gabe. Baina gobernuak kontutan eduki beharko lituzke hemen bizi diren jendeak ere. Nahi nuke munduko jendeek jakin dezaten leku honetan badela baserritar bat. Jendeak jakin beharko luke".
Takao Shito bere lurretan aireportura begira aspaldi eraikitako erresistentzi dorrearen ondoan. (Argazkia: A.Pagnotta) | news |
argia-dfc915dc4f17 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/duela-13000-urteko-odontologia.html | Duela 13.000 urteko odontologia | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-06-17 00:00:00 | Duela 13.000 urteko odontologia
Irudian ikusten direnak, duela 13.000 urteko gizaki baten ebakortzak dira, eta Goi Paleolitoaren amaieran praktika odontologikoak egiten zirela erakusten dute.
Riparo Fredian aztarnategian (Toskana, Italia) aurkitu zituzten, hortz-interbentzioen arrasto oraindik eta zaharragoak dituen Villabrunako aztarnategitik gertu (14.000 urte). Baina Riparo Fredianeko hortzek besteek eman ez dituzten xehetasunak eskaintzen dituzte: hortzok ante morten zulatu zituzten, harrizko edo hezurrezko tresnak erabiliz, eta zuloak betun konglomeratuz, zuntz begetalez eta, ziurrenik, ilez bete zituzten, Neolitikoa baino lehen ere praktika biomedikoak egiten ziren seinale. | news |
argia-b21412aa7642 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/kanada-eta-danimarka-gerran.html | Kanada eta Danimarka "gerran" | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-06-17 00:00:00 | Kanada eta Danimarka "gerran"
Nares itsasartea, 1871-1873. Charles Franci Hall esploratzaile estatubatuarrak hirugarren espedizioa egin zuen Ipar Polora. Bidean 1,3 km koadroko uhartetxoa topatu zuen Kennedy kanalaren erdian.
Espedizioan Hans Hendrik izeneko itzultzaile inuk bat zeramaten eta, haren omenez, Hans izena jarri zioten lur puskari –nahiz eta benetako izena Suersaq zuen–.
1933an Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorrak Groenlandia legalki Danimarkarena zela deklaratu zuen. Froga geologikoak argudiatuta, Danimarkak Hans uhartea ere haiena zela esan zuen.
1972an Kanadako Zerbitzu Hidrografikoak eta Nares itsasartean lanean ari ziren ikerlari daniarrek Hans uhartearen koordenatu geografikoak zehaztu zituzten. Eta hurrengo urtean, 1973an, Danimarka eta Kanadaren arteko iparraldeko mugei buruzko negoziazioetan, Kanadak Hans uhartea beren lurraldearen barruan zegoela aldarrikatu zuen. Baina negoziazio haietan ez zen gobernuen arteko akordiorik itxi uhartearen inguruan. 1983an bi herrialdeek akordio bat sinatu zuten eremu haietan ingurumena zaintzeko, eta Hans uhartean ikerketak elkarlanean egiteko aukera eztabaidatu zuten, baina ez zuten ezer sinatu.
1984an Høyem daniar ministroa helikopteroz iritsi zen uhartera eta bere herrialdeko bandera jarri zuen. 1988an eta 1995ean antzeko keinuak egin zituzten daniarrek. 2005ean Kanadako Defentsa ministroak irla bisitatu zuen eta, horri erantzunez, Danimarkako Kanpo ministroak adierazi zuen lur zati horren inguruan ez zegoela inolako tirabirarik, uhartea, zalantzarik gabe, daniarra zelako.
Orduz geroztik, Kanada eta Danimarkaren arteko "gerra" horretan tradizio bitxia sortu da. Urtero, abuztuan, kanadar tropak uhartean lehorreratzen dira, Danimarkako bandera kentzen dute, Kanadakoa jarri, eta whiski botila bat uzten dute mezu batekin: "Ongi etorriak Kanadara". Udaberrian daniarrek zapaltzen dute irla. Beren bandera atzera ipini, whiskia edan eta schnapps pattar botila bat uzten diete arerioei, beste mezu batekin: "Danimarkako lurraldean zaudete".
Hala ere, itxuraz baliorik ez duen lur zatia Ipar Mendebaldeko Itsasbidearen erdian dago. Merkataritza bide honek ez du orain arte ia trafikorik izan, baina klima aldaketak Asia eta Ipar Amerikaren arteko garraiobide nagusietakoa bihur dezake eta Hans uharteak bidearen kontrola erraztuko du. Bati baino gehiagori txantxetarako gogoa joango zaio orduan. | news |
argia-6d8887bcd347 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/babestu-landare-bat-ekimena.html | Ikasleak landareen zaintzaile | Garazi Zabaleta | 2018-06-17 00:00:00 | Ikasleak landareen zaintzaile
Barakaldon bada hiriari arnas ematen dion gune berde bat: Ramon Rubial Lorategi Botanikoa. Lorategiaren eta Barakaldoko Natur Gelaren arteko elkarlanetik sortu da "Babestu landare bat" ekimena. Hiriko eskoletako ikasleekin landareen eta horien hazkuntza prozesuaren gaineko jakintzak lantzea da ekimenaren asmoa, eta ikasketa hori modurik praktikoenean emanen dute: ikasleak beraiek izanen dira landareak landatu eta zainduko dituztenak.
Jakin-mina pizteko hezkuntza proiektua
Urtean zehar Lorategi Botanikora bisitak egiten dituzte lehenagotik ere Barakaldoko eskoletako ikasleek, baina aurtengo nobedadea izanen da parkean zehar landatzea eta landatutako horiek zaintzea. Lorategiko lorezaintza taldearen laguntzarekin eginen dute. Ekimen berriak ikasleei landareak identifikatzen ikasteko aukera emanen diela uste dute antolatzaileek, eta eurek jarritako landare eta zuhaitzak hazten eta loratzen ikusteak jakin-mina piztu diezaiekeela.
23 ikasle talde izango dira hilabetean zehar landaketak egiten arituko direnak. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak izanen dira. Natur Gunetik azpimarratu dute eskolarekin ez ezik, lorategia espazio irekia izanik, ikasleak eurek landatutakoa ikustera joan daitezkeela gerora euren kabuz, lagunekin edo familiarekin.
Natur Gela eta Lorategi Botanikoa
2014az geroztik martxan, ikasleentzat nahiz herritar ororentzat ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin lotutako ekimenak eta proiektuak antolatzen dihardu Barakaldoko Natur Gelak. Eraikina bera ere material jasangarriz dago eraikia –egurrez eta kristalez–, eta bioklimatikoa eta ekoefizientea da.
Natur Gelaren beste aberastasun nagusia bere kokapena da: Ramon Rubial Lorategi Botanikoaren barruan dago. 2002an zabaldu zituen lorategiak ateak, eta bere 60.000 metro koadroko lursailean mundu osotik ekarritako 300 espezie baino gehiago dituzte landatuta. Ikasgela polita eskoletako ikasleekin antolatu duten ekimena aurrera eramateko. | news |
argia-c23f4fc21175 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/serbofobia.html | Serbofobia | Asier Blas Mendoza | 2018-06-17 00:00:00 | Serbofobia
Katalunian serbofobia modan dago unionisten eta independentisten artean. Astakerien txanda Joaquim Arrufatek ireki zuen eta oraingoz Joan Tardak itxi du. Halere, bi hauen adierazpen serbofoboak moderatuak bezala kontsideratu daitezke CUPeko zerrendetan joandako Manuel Delgadok eginikoekin alderatuta. Katedradunak agerkari digital batean esan zuen "Ciudadanos alderdi ultranazionalista bat dela joera serbiarrekoa" eta telebistan "Ciudadanos inoiz bizitzan ikusi dudan alderdi fanatiko nazionalistena da, lerro serbiarrekoa".
Independentismo katalan hegemonikoak Serbia Espainiarekin parekatzen du, unionismoak, berriz, Herrialde Katalanak "Serbia Handia" proiektuarekin. Erkaketa horiek egitea ez da justua, baina, norbaitek asmatzen badu, horiek unionistak dira. Izan ere, Serbia ezjakintasunetik soilik erkatu daiteke Espainiarekin.
Egun Serbiako Estatua Kataluniako Errepublika birtualak baino populazio txikiagoa du eta Herrialde Katalanek "Serbia Handiak" izango lukeen populazioa baino handiagoa dute. Historiari begiratzen badiogu, Serbiak bost mende Otomandar Inperioaren menpe egon ostean independentzia eskuratu zuen 1878an lurralde mugatu batean. Serbiar gehienak bere mugetatik kanpo bizi ziren. 1918an hego eslaviar gehienak jasoko zituen estatua jaio zen: Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erresuma (Jugoslavia).
Hegoaldeko eslaviar herrialdeen arteko bereizketa nazionalak inperioek sortu zituzten: mendebaldekoen menpeko katolikoak (kroaziarrak) eta ekialdeko ortodoxoak (serbiarrak); hizkuntza aldetik berriz, denek serbokroazieraz hitz egiten dute, esloveniarrek eta mazedoniarrek salbu. Lehenengoen hizkuntza serbokroazieraren oso gertukoa da eta bigarrenena bulgarieraren forma bat da.
Independentismo katalan hegemonikoak Serbia Espainiarekin parekatzen du, unionismoak, berriz, Herrialde Katalanak "Serbia Handia" proiektuarekin. Erkaketa horiek egitea ez da justua, baina, norbaitek asmatzen badu, horiek unionistak dira. Izan ere, Serbia ezjakintasunetik soilik erkatu daiteke Espainiarekin
Bosnia-Herzegovinan, Ekialdeko eta Mendebaldeko inperioen arteko mugan, gehiengoa ortodoxoa zen (bosniar serbiarrak) eta gutxiengoa katolikoa (bosniar kroaziarrak). Horrez gain, inbasio otomandarraren ondorioz bosniar otomandar nortasuna sortu zen erlijio musulmanari lotuta. Istanbulek musulmanentzat abantailak ematen zituenez, herritar asko, zergak saihesteko, dendak ireki ahal izateko edota tokiko administrazioan lan egin ahal izateko musulman erlijiora bihurtu ziren. Nekazal guneetan ordea, gutxiagotutako nazioetan gertatu ohi izan den moduan, oso gutxik hartu zuten erlijio musulmana, ordura arteko nortasun serbiarra edo kroaziarra mantenduz.
I. Mundu Gerran bere populazioaren hildako portzentaje handiena izan zuen herrialdea Serbia izan zen, %16,7. Halere, II. Mundu Gerraren aurretik, Bosnia-Herzegovinan populazioaren gehiengoa ortodoxoa zen. Gerra ostean, 1948, 1953 eta 1961eko erroldetan, populazioaren %44,3, %44,3 eta %42,9rekin, serbiarrek jarraitu zuten talde etniko nazional handiena izaten. Baina, II. Mundu Gerran pairatutako sarraskiaren ondorioz, 1971tik aurrera bigarrenak izatera pasa ziren musulmanen atzetik.
Kroaziako eta Bosniako ehunka milaka serbiar erail zituzten naziek eta beraien kolaboratzaile kroaziarrek eta musulman eslaviarrek. Hain zuzen ere, nazien kolaboratzailea eta 1970eko hamarkadan xaria gida bezala izango zuen estatu islamista proposatu zuen Alija Izetbegović izan zen Bosnia-Herzegovinako lehen presidentea. Honek hil aurretik esan zion bere semeari, egungo Bosniako hiruko presidentzian musulmanak ordezkatzen dituenari, Erdogani esateko Bosnia-Herzegovina uzten ziola ondare bezala. Semea oraindik urrunago joan da eta 2018ko martxoan Sarajevon Erdoganekin izandako bilera ostean esan zuen jaungoikoak Erdogan bidali duela Turkiara misio berezi batekin. Ordu batzuk beranduago Bosniako hiriburuan Erdonaganek mitin batean parte hartu zuen Europatik etorritako milaka turkiarrekin eta bosniar musulmanekin. Legatu eta misioa Otomandar neoinperio bat sortzea da. Hobe luke Delgadok Tabarniako eredua musulman bosniarretan bilatzea eta ez Bosniako serbiarretan. | news |
argia-3fd83fb8d9ec | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/ustelkeriak-sabin-etxearen-atea-jo-du.html | Ustelkeriak Sabin Etxearen atea jo du | Urko Apaolaza Avila | 2018-06-17 00:00:00 | Ustelkeriak Sabin Etxearen atea jo du
Euskal Herrian inoiz epaitu den ustelkeria kasu handienetakoa da De Miguel auzia. Besteak beste, dirua zuritu, legez kanpoko komisioak jaso eta hirigintza operazioekin iruzurra egitea egozten diete Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohiaz gain auzipetutako beste 25 laguni, horietako asko alderdi jeltzaleari oso lotuak. Ikusteke dago euskal Gürtelak zer faktura ekarriko duen, baina Sabin Etxean aspaldi ari dira altzariak estaltzen alderdia ahalik eta gutxien zipriztintzeko.
"Boterea dute, ez dira pertsona isolatuak edo beroaldiak, baizik eta establishment osoak babesturiko jendea". Josu Izaguirre fiskalaren hitzak, Gasteizko etorbidean dagoen eta okasiorako propio handitu duten Arabako Justizia Jauregiaren horma sendoak igaro eta Bilboko Albia lorategiraino iritsiko ziren seguruenik urtarrilaren 18an, De Miguel auziaren epaiketa hasi zenean. Fiskalaren argudioa misil balistiko bat bezalakoa da Sabin Etxean ondu duten diskurtsoaren kontra, eta epaiketan zehar batzuk eta besteak izaten ari diren jarrera taktikoaren erakusgarri da.
Espainiako Estatuan ustelkeria kasu batek bota ditu gobernuan zeudenak, Kongresuan oposizioaren gehiengoak mozioa onartu eta gero. Mariano Rajoyk gutxi esperoko zuen bi aste lehenago estatu aurrekontu orokorren tramitea igarota halako trantzean aurkituko zuenik bere burua: ustelkeriagatik kalera. EAJ izan da alderdi popularrari ostikoa jo diona, Aitor Estebanen hitzetan "etika politikoagatik eta erantzukizunagatik"; izan ere, diputatu jeltzalearen esanetan Gürtel auziaren sententzia "mugarria" izan da.
Paradoxikoki, gurean, euskal Gürtel ere deitu izan den De Miguel auzian, EAJren itzala edonon ikus daiteke. Bere buruzagiak saiatu dira kasua alderdiarengandik bereizten, esanez hemen ez dagoela alderdia finantzatzeko inongo azpijokorik –Valentziako PPrekin ez bezala–, eta Iñigo Urkullu lehendakariak ere adierazi zuen gertaera "isolatu" bat dela, ustelkeriak ez duela "bat egiten gure kulturarekin eta balore politiko eta sozialekin". Auzian inplikatutako EAJko kideei euren afiliatu karnetak entregatzeko eskatu zieten gainera.
Zergatik behar izan zituzten De Miguelek, Otxandianok eta Telleriak hamar hilabete EAJko afiliatu karnetak entregatzeko?
Errealitatea egoskorra da ordea, galde diezaiotela Moncloako lehengo maizterrari. Zergatik behar izan zituzten hamar hilabete karnetak entregatzeko? Zerrenda batean jarriz gero De Miguel auzian nahastuta daudenak, jabetuko gara Arabako egitura jeltzalea bete-betean harrapatu duela ustezko ustelkeria kasuak (ikusi 27. orrialdeko koadroa). Esaterako, Araba Buru Batzarreko kide esanguratsuak daude zerrenda horretan: Alfredo de Miguel –foru diputatu ohia ei zen sarearen erdian zegoena, Iñaki Gerenabarrena Arabako EAJko presidente ohiaren oso gertukoa–, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano; baita alkate izandakoak eta Eusko Jaurlaritzako kargudunak ere. Hala Bedik antolatutako mahai-inguru batean Jose
Fiskalari emandako audioetan entzun daiteke Etxaburu enpresaria esanez ustezko komisioa "normala denaren barruan" zegoela, horrelako jokabideak zein zabalduta egon litezkeen antzemateko balio duen esaldia
Manuel Cámara kazetariak azaldu zuen gisan, "EAJ zen dena batzen zuen pegamendua".
"Zer egingo dugu inozo honekin?"
Arabako Justizia Jauregiko auzi-saioek gutxienez datorren azarora arte iraungo dute. 26 auzipetu daude eta denera hamaika delitu egozten diete, tartean eroskeria, dirua zuritzea, dokumentuak faltsutzea eta prebarikazioa. 439 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak akusatuentzat: Alfredo de Miguelentzat 54 urte, eta besteentzat 32 eta 4 urte arteko zigor eskaerak daude. 150 lekuko inguruk hartuko dute parte saioetan eta 20 perituren iritzia jasotzea espero da. Epaiketaren iraupen luzeak zenbait momentutan bere eragin mediatikoa lausotzea ekarri du.
Seguruenik orain arteko saioetan arreta gehien deitu duena lekuko nagusiaren deklarazioa izan da: Ainhoa Alberdi enpresariarena. Berak azaleratu zuen 2009an kasua. Alfredo de Miguelek eta Aitor Telleriak 100.000 euroko komisioa eskatu ziotela salatu zuen, Miñanoko teknologia parkeko hedakuntza obrak Urbanorma Consulting bere enpresari esleitzeagatik, eta hori frogatzeko elkarrizketen grabazio batzuk eman zizkion Arabako fiskalari. Haietan entzun daiteke Alberdiren bazkide ohi eta Arabako obra publiko ugari egindako Jon Iñaki Etxaburu enpresaria esanez komisioa "normala denaren barruan" zegoela, horrelako jokabideak zein zabalduta dauden antzemateko balio duen esaldia. Hari horretatik tiraka, beste 700.000 euro komisiotan, 16 milioi euroko eragiketa irregularrak eta 65 milioi euroko hirigintza operazio antzu bat atzitu dute.
"Zer egingo dugu inozo honekin?", galdegin zuen e-posta bidez Alfonso Arriola Miñanoko kudeatzaileak, Alberdik egindako obren faktura pasa zionean. Enpresariak estortsio saiakera ere salatu du, komisioa ordaintzeari uko egin zionean haren aita Juan Antonio Alberdirengana jo baitzuten –EAJko militantea– dirua eskatzera. Hortik aurrera, gainera, beste obretan "betoa" izan zuela dio lekukoak.
Adi! Arabako ustelkeriaren aurkako elkarteak epaitegi aurrean elkarretaratzea egin zuen lekukoari babesa adierazteko "jasan dituen mendeku, presio eta deskalifikazio pertsonalen aurrean". Alberdik fiskaltzan salaketa jarri zuenetik mediku tratamenduan dago. Bere intimitatea babesteko neurri bereziak behar izan ditu deklaratzeko unean, eta hala ere akusatu eta ustezko delitugileengan beharrean lekuko baten bizkarrean jarri dituzte hedabideek begirada guztiak. "Pertsegitua" izan dela azaldu du Alberdik. Defentsaren abokatuek ordu luzez itaun dute auzi-saioetan, haren osasun egoeraz, ogasunarekin ustezko arazoez, fiskalarekin zuen harremanaz… zenbait kasutan burla egiteraino; Iker Rioja El Diario.es-eko kazetariak bere kronika luze eta zehatzetan deskribatu du hori guztia.
Adi! Arabako ustelkeriaren kontrako elkarteak egindako elkarretaratzea, kasua salatu zuen Ainhoa Alberdi enpresari eta auziko lekuko nagusiari babesa emateko (arg: Foku / Juanan Ruiz)
Abokatu horiek oso ezagunak dira EAJren inguruan: Cuatrecasas bulegoko Gonzalo Susaeta, Javier Beramendi –Bravo, Cabieces eta beste zenbait auzitan aritutakoa–, Ricardo Palacio –hau ere Bravo auzian aritua–, Eneko Goenaga, Jesús Villegas, Carlos Chacón… horietako askok EAJn karguak izan dituzte. Badirudi Andoni Ortuzar buru duen alderdiak bere zuzenbide aparatu guztia akusatuen esku jarri duela. Modu bitxia auzipetuek "EAJrekin zuten harremana garbitzeko", Urkulluk esan zuen gisan.
Afiliatu karneta galdu dute, baina zenbaitek soldata publikoa ez: Alfredo de Miguel berak Hazi-n lanpostua eman diote, "eskubide laboralak indarrean" dituelako, fundazioko zuzendariaren esanetan. Deigarria izan zen De Miguelen eta Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko EAJko bozeramailearen arteko besarkada 2011n, deigarria ere azken honek instrukzio-epailearen kontra 2015ean esandakoak, iradokiz auzipetze autoan ondorio "politikoak" atera dituela. Deigarria eta bitxia, kasu honi loturiko dena bezala.
2010eko martxoaren 17a: atxiloketak
Ainhoa Alberdik Olympus markako grabagailu bat erosi zuen denda batean, Alfredo de Miguelen eta Aitor Telleriaren presioen aurrean "babestuta" egoteko. Baina aita tartean sartu zutela jakitean audioak eta e-postak Arabako fiskalari ematea erabaki zuen. 2009ko abendua zen eta hortik hilabete gutxitara, martxoaren 17an, Ertzaintzak operazioa abiatu zuen zortzi lagun atxilotzeko, tartean De Miguel, Telleria eta Otxandiano; miaketa ugari ere egin zituen polizia autonomikoak etxe partikularretan eta bulegoetan, baita elkarte gastronomiko batean ere.
Alfredo de Miguel EAJko foru diputatu ohia (lepokoarekin) eta Cuatrecasas bufeteko haren abokatu Gonzalo Susaeta, epaitegira bidean (arg.: Foku / Jaizki Fontaneda)
Operazioa Gasteizko 4. instrukzio-epaitegiko magistratu Roberto Ramosek agindu zuen, Arabako fiskalak Madrilgo ustelkeriaren kontrako fiskaltzari abisua pasa eta gero. Sekulako lurrikara eragin zuen Arabako Aldundian –EAJrekin batera agintzen zuen EA alderdiak "traizio" hitza ere erabili zuen– eta Eusko Legebiltzarrean ere batzorde bat sortu zen kasua ikertzeko: EAJko karguei "erantzukizun politikoak" egotzi zizkien amaierako diktamenak.
Ramosek, bere aldetik, bost urteko instrukzioaren ondoren kaleratu zuen 26 lagunen kontrako auzipetze autoa 2015ean. 183 orrialdeko dokumentuan epaileak dio Alfredo de Miguelek enpresa "pantaila" sare bat osatu zuela "ardura politiko edo administratiboak zituzten beste inputatu batzuekin batera" esleipen publiko irregularren bidez dirua eta komisioak lortzeko. Auto horretan, Asier Arzallus –Xabier Arzallus buruzagi jeltzale historikoaren semea– auzitik kanpo utzi zuen, De Miguelen sareko enpresa bati egindako "zalantzazko" esleipena ezin delako kode penaletik epaitu.
Epaiketa hasi bezperetaraino eskatu dute akusatuen defentsek bertan behera uztea, aurkeztutako audioak ez direla baliagarriak esanez. Baina Jaime Tapiak presiditutako epaimahaiak ez du eskaera aintzat hartu, eta gogorarazi du froga gehiago ere badaudela.
Koaderno granate bat, faltsututako dokumentuak…
Auzi-saioen erdia eginda, epaiketak eleberri bat idazteko adina eman du dagoeneko. Iker Rioja kazetariaren kronikek –kasu horretaz Dentro de lo normal (normala denaren barruan) liburua idatzi du– ez dute hitz bat soberan eta haien bidez jakin ditzakegu auziaren detaile txikienak.
Alberdik emandako frogez gain, ertzainek Koldo Otxandianoren etxeko gelaxka batean aurkitutako granate kolorezko koaderno bat ere funtsezkoa da, sareak ustezko komisioak nola kobratzen zituen jakiteko. Arabako Batzar Nagusien armarria daramaten paper koadrikulatuetan enpresei ordaintzea zegokiena apuntatzen zuen eskuz ABBko kide ohiak: " Obra %4 Kataia " irakur daiteke esaterako, Kataia Consulting De Miguelen sasi-enpresetako batek esleipenaren ehuneko hori beltzean jaso behar zuela aditzera emanez.
"Obra Kataia 4%" irakur daiteke Otxandianoren koaderno gorrixkan, ustezko komisio ilegala erakusten duen oharra (arg: El Diario.es)
Denera 25 sozietate inguru izan daitezke sare horrek iruzurrerako propio sorturikoak, gehienetan senideen izenean gainera. Horietako batek, Errexal SL-k, Lapuebla de Labarcan eta Zigoitian Loizate enpresak egindako obra batzuengatik jaso zituen halako "koskadak". Loizate oso ezaguna zen Arabako eraikuntzan esleipen publikoak eskuratzeagatik; haren jabe Jon Iñaki Echaburu auzipetuta dago. De Miguelekin lotura zuten sozietate askok ez zuten langilerik izan eta Gizarte Segurantzan ere ez zuten izenik ematen, Eskamelo SL enpresa kasu: bere bidez 65.000 euro lortu zituen EAJko buruzagi ohiak, fiskaltzaren esanetan.
Iruzurrerako beste mekanismo bat Eusko Jaurlaritzako Gazteria sailetik egin gabeko lanak kobratzea izan zen –denera 210.000 euro–. Dirudienez Kataia, Errexal eta Ortzi Muga enpresei esleipenak "nahieran" egiten zizkien Xabier Sánchez Robles Gazteriako zuzendariak (EAJ): "Bere karguaz baliatu zen enpresa horiei mesede egiteko", dio auzipetze autoak.
Koldo Otxandianoaren etxean ertzainek atzemandako koadernoan, ustezko iruzurraren inguruko datuak ageri dira eskuz idatziak. Besteak beste Alfredo de Miguelek ( Txitxo ezizenez ezaguna) eta beste batzuek beltzean jasotakoa ageri da, baita sasi-sozietateek faktura faltsuen bidez jasotzen zuten komisioaren ehunekoa ere. (arg.: El Diario.es)
Esleitutako dozenaka lan horiek justifikatzeko, Jaurlaritzaren erregistro zigilua daramaten dokumentuak aurkeztu ditu epailearen aurrean Gazteriako zuzendari jeltzale ohiak; baina Riojak Eldiarionorte-n erakutsi duenez faltsuak, erregistratu gabeak edo plagiatuak dira –zigiluetako batean, esaterako, 2007ko otsailaren 29a ageri da, egun hori sekula existitu ez zen arren–.
Zanbranako poligono egin gabea
Epaitzen ari diren auziak hamabi atal ditu, ezinezkoa denak hemen deskribatzea. Zanbranako operazio urbanistikoa da garrantzitsuenetako bat bere tamainagatik. Udalerri hartan sekula egin ez zen poligonoa esleitzeagatik hiru milioi euroko komisioa kobratu zioten Riera eraikuntza enpresa katalanari. Fiskalaren esanetan, Iosu Arrutik gidatu zuen trama hori Sidepur enpresaren bidez, eta honek De Miguelen sareari ordaintzen zion ondoren. Zanbranako EAJko alkate ohi Maria Justina Angulo ere inplikatuta dago –lau urteko kartzela eskatzen dute berarentzat–, poligonoa eraiki behar zen lurrak birkalifikatzeko garaian egindako ustezko irregulartasunengatik.
Enpresariek euren poltsikotik bezeroari ordaindutako txalet pertsonalen erreformak, Arabako Aldunditik apetaz egindako esleipenak, komisioetatik jasotako diru beltzarekin erositako terrenoak birkalifikagarriak… Oraindik asko dago ikusteko eta jakiteko Euskal Herrian inoiz epaitu den ustelkeria kasu handienean.
EAJ, familia handi(egi) bat
Josu Izagirreren zorroztasuna erabatekoa da eta Arabako fiskalaren aurrean Eusko Jaurlaritza nabarmen geratu da, haren abokatuak hamalaugarren saiora arte ez baitu galderarik egin. Aldiz, Ertzaintzako adituek irmo defendatu dute euren lana eta akusatuen abokatuekin tentsio uneak izan dituzte. Bizkaiko Aldundia ere –EAJren esku– akusazioaren eserlekuan dago enpresa batzuek egindako delitu fiskalengatik.
Josu Izagirre Arabako fiskalaren zorroztasuna erabatekoa izaten ari da epaian, eta Eusko Jaurlaritza nabarmen geratu da bere aurrean, haren abokatuak hamalaugarren saiora arte ez baitu galdera bakar bat ere egin
Zer irakurketa politiko egin liteke argazki horrekin? Ezin ahantzi dugu EAJren barnean dauden familien arteko botere borrokek bete-betean jo zutela alderdiaren egitura Araban, hain justu ustelkeria kasua azaleratu zenean. Estado de Excepción eztabaida saioan, Ahoztar Zelaieta ikerketa-kazetariak sektore "independentista" eta "PPko ustelekin hitz egiten duena" bereizi ditu. Bere ustez, De Miguel auzia Arabako EAJren sektore independentistari –Gerenabarrenaren ingurukoak hor kokatu izan dituzte analista politikoek– kontra egiteko "suebaki" bat izan da, azken batean "historia txiki bat" baita Zelaietaren aburuz.
Zer gertatuko litzateke Ainhoa Alberdik 2009an "kutxatilatik pasatzea" agindu ziotenean, kasu egin eta fiskaltzari ezer kontatu ez balio? Akaso izango al genuke De Miguelen berri gaur? Eta zer gertatuko litzateke Ainhoa Alberdi gehiago baleude, Euskal Herria urte luzez politikoki eta ekonomikoki gobernatu dutenen pegamenduari tira egiteko ausardiarekin? | news |
argia-f9a7bb2c2e0f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/politikaren-amildegiak.html | Politikaren amildegiak | Fermin Erbiti | 2018-06-17 00:00:00 | Politikaren amildegiak
Politika ez da ordoki goxoa, bide malkartsua baizik. Politikariek, eta bereziki agintariek, ongi dakite ofizioak ez duela zer ikusirik zientzia zehatzekin. Politikakoak kontu korapilatsuak izateaz gain, jende askori eragiten diote, bakoitzari modu diferentean. Erabakiak hartzerakoan, beraz, ez da erraza etekin eta kalte politikoen inguruko hausnarketan asmatzea. Kalkulu, arau edo iraganeko lezioek ere gutxi balio dute, ziurgabetasunaren eremuan mugitzen baikara. Politikaria amildegiaren aitzinean ausardiaz ibiltzen dakien apustuzalea da. Hori horrela izanik, jakina, kontu bat gogoratzea komeni zaio: zeruetarainoko zein zulo beltzerainoko bidaia di-da batean egin daiteke.
Horren jakitun dira Pedro Sanchez eta Mariano Rajoy. Inork espero ez zuenean, Sanchez kementsuak, porrotetik behin baino gehiagotan berpiztuak, presidentzia lortu zuen. Egun berean, EAJri esker aurrekontua onartzearekin egonkortasuna ustez eskuratua zuen Mariano, zapla!, zulora erori zen.
Sanchez ez da ordoki zabalean ibiliko, harriz beteriko bidexkan baizik. Oinen azpian amildegia izanen du. Bi alderdi nagusiren garaia desagertu zenetik Madrilen ez dago mapa politiko anitzagoa kudeatzeko modurik
Argi dago Sanchezena ez dela ordoki zabalean ibiliko, harriz beteriko bidexkan baizik. Eta oinen azpian, noski, amildegia izanen du. Espainiatik egonkortasuna aldarrikatu bai, aise egiten dute. Bi alderdi nagusiren garaia desagertu zenetik, ordea, Madrilen ez dago mapa politiko anitzagoa kudeatzeko modurik. Iruñean eta Gasteizen ezberdina da egoera, eta handiagoa diferenteen artean hitzartzeko ahalmena. Errealitateak beharturik, seguru asko. Nafarroara aldaketa ekarri zuen hitzarmena da horren eredu argiena: lau koalizio, nor bere aita eta amarengandik sortua. Eta hiru urteko ibilbide nahiko baketsua egin eta gero, eraikina sostengatzen duen zutabeetako baten haustura da arazo nagusia: Podemos-Ahal Dugurena.
Hauteskundeetarako urtebete eskas falta delarik, hari begira ari dira denak: aldaketaren aldekoak zein aurkakoak. Izan ere, Podemos-Ahal Dugu funtsezkoa izan zen PSNren erabakigarritasun maila huts bihurtu eta, horri esker, aldaketa lortzeko. Politika berria egitera zetozenek, ordea, azkarregi ikasi dute leziorik zaharrena: politikan etsaia, benetako etsaia, ez da beste alderdikoa, etxekoa baizik. Eta, gainera, Ahal Dugukoak gardentasunaren apostoluak izanik, trapu zikinak herriko plazan haizatzea erabaki dute, guztion aitzinean, elkarrenganako gorrotoa zenbaterainokoa den ikas dezagun.
Ikuskizunak, jakina, arriskuan jar dezake berez zaila zen erronka: heldu den urtean 2015eko gehiengoari eustea. Dena den, ez ahantzi: urtebete oso epe luzea da politikan, ziurgabetasunaren zelaian jokatzen ari baikara. Rajoyk eta Sanchezek frogatu duten bezala, hiru egunetan dena hankaz gora jar daiteke. Onerako zein txarrerako. | news |
argia-7593101dea9f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/hozitzeko-urak.html | Hozitzeko urak | Jakoba Errekondo | 2018-06-17 00:00:00 | Hozitzeko urak
Baratzezain batek galdetu berria dit: lurra ondo zanpatzea garrantzitsua al da haziak ereiten ditugunean? Erantzuna baiezkoa da, sumatzen zuen... Landareek urarekin duten lotura izugarria da. Jaiotzatik behar beharrezkoa dute. Haziak urik gabe ez du berehalakoan landarerik sortuko.
Hazia landarea sortzeko asmakizun izugarria da. Laburbilduta, azal batean bildutako begi edo ernamuin bat da hazia, maiz energia erreserbaz osatua. Ernamuina eta energia biak lo daude, eta, ernatu edo hozitu eta landarea sortzen hasteko, ura hartu behar du. Beraz, landareen sortzeko momentua ura hartzeko aukerari lotua da, gehienetan. Horrexegatik haziaren inguruko lurra zanpatzearena. Lurra haziaren azalari estuki itsatsita badago, lurrak daukan ura har dezake haziak. Haziaren inguruan lurra harro badago, nekezago hartuko du ur hori.
Haziak ura azaletik hartuko badu, ura eskuera behar du. Eta azala pronto. Azal gogorrak, ahulak, meheak, lodiak denetatik topatuko dugu hazietan. Landareek fruituak edota haziak animalientzako erakargarri egiten dituzte, jan ondoren hedapen eta ereintza lanak egin ditzaten; animalia horietakoren batek jan –gehienetan hegaztia– eta bere digestio hoditik igaro ondoren, haziak azala kraskatua izango du, ura sartzeko pronto. Helburu berarekin, zenbaitetan azala geuk karrakatuko dugu, ura errazago sar dakion. Ura hartzean barruan loak hartuta bezala dagoen energia esnatu eta mugitzen hasiko da; era berean hazia uhanditu eta azala zartatuko da, ernamuina hozitu eta erraz atera dadin. Ernamuinak sustraia emango du, eta horren lana ura topatzea izango da. Ur horretan urtuta ekarriko ditu landarea hazteko beharko dituen jakiak, sustraiaren ondoren gorunzko puja emanez luzatuko den kimutxoa edo plumula elikatuko dutenak.
Ur premiaren jakinaren gainean izanda, hasierako galderara bueltatuta, haziak ereindakoan inguruan duen lurra zanpatzea garrantzitsua da. Beste batzuetan haziak lurrean erein aurretik uretan edo urasetutako paper edo oihal batean itsatsita edukitzen dira, hezetasuna barneratzen hasi eta hozi daitezen. Eta ondoren lurrera, ur soila ez baita nahikoa... | news |
argia-29c1f281b0ee | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/munduko-bankuak-2008koaren-antzeko-krisia-errepikatzeko-arriskuaz-ohartarazi-du.html | Munduko Bankuak 2008koaren antzeko krisia errepikatzeko arriskuaz ohartarazi du | Asier Gonzalez de San Pedro | 2018-06-06 00:00:00 | Munduko Bankuak 2008koaren antzeko krisia errepikatzeko arriskuaz ohartarazi du
AEBek hasitako inportazioen aurkako gerra komertzialak eragin ditzakeen arriskuaz ohartarazi du Munduko Bankuak
Donald Trumpen politika ekonomiko protekzionistak arriskuan jarri dezake mundu mailako ekonomia hazkundea eta merkataritza Munduko Bankuaren ustez. Ondorio latzenak garapen bidean dauden herrialdeek jasango lituzkeela uste du erakundeak.
Munduko Bankuak asteartean argitaratutako txostenean adierazi duenez, inportazio tarifak asko igo dira mundo osoan, Munduko Merkataritza Erakundeak jarritako maximoetaraino; eta horrek, nazioarteko salerosketen beherakada handia ekar dezake, %9koa.
Munduko Bankuak ere ohartarazti du, herrialdeak Munduko Merkataritza Erakundeak ezarritako mugetatik haratago baldin badoaz, krisia 2008-2009koa baino larriagoa izango dela.
Nolanahi ere, iragarri du munduko hazkundea finkoa mantenduko dela momentuz.
Protekzionismoaz gain, Txinako zor altuaren arriskuez ere ohartarazi du txostenak. | news |
argia-a92dcae191cb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/beta-forn-bidegabekeria-erraietan.html | "Geroz eta gauza larriagoak gertatu behar dira jendea kalera ateratzeko" | Saioa Baleztena | 2018-06-17 00:00:00 | "Geroz eta gauza larriagoak gertatu behar dira jendea kalera ateratzeko"
Pasa den azaroaren 2an Estremerako espetxean giltzapetu zuten Joaquim Forn Kataluniako diputatuaren alabarik gazteena da Beta Forn (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1998). Erizaindegi ikasketen bigarren ikasturtea amaitu berri duenean, Kataluniako ordezkari independentistek bizi duten errepresioaren kontrako borrokan murgilduta dago.
Zazpi hilabete pasa dira zure aita giltzapetu zutenetik. Zer moduz zaude?
Gora-behera handiak izan ditut, desoreka emozionalak ez du etenik izan. Hilabete gogorra pasa dut, baina, borrokatzen jarraitzeko prest nago. Indartsu egotera behartuta gaude…
Zer izan da zailena hilabete hauetan?
Ziurgabetasunak akitu nau. Baina, aitortu behar dut, lagundu didala ulertzeak irtenbidea ez dagoela gure esku. Helburua orain nire familiak ere ulertzea da, ez baitu argi. Mugimenduren bat zegoen bakoitzean itxaropena izaten nuen hasieran baina, nire osasunaren mesedetan, jadanik galdu dut. Giltzapetu zituzten bezala utziko dituzte aske, hau ez baita prozedura judizial arrunta. Nahiago dut luzerako joango dela pentsatzea. Modu bakarra da guk geure burua babesteko.
Beste preso politikoen seme-alabak gakoak izan omen dira bide honetan…
Hasieran obligazioz gelditzen ginen [dio irriz]. Ez genuen uste gerora josi genuen harremana sortuko zenik. Betiko lagunei kosta egiten zaie ulertzea, baina, niretzat erabakigarriak izan dira zazpi hilabete hauetan. Funtsean, bizi dugun injustizia konpartitzen dugu, eta konplizitatea erabatekoa da.
Babesa bakarrik ez, erakusleiho izan nahi duzue. Proiekturen bat baduzue eskuartean, ezta?
Testuingurua aldatzeko egitasmoak sustatzeko beharra izan dugu hastapenetik eta bota genituen ideien artean bati heldu genion. Independentistak izan gabe, giza eskubideen urraketaren kontra egon zitezkeen espainiar ospetsuen zerrenda osatu genuen, bideo bat osatu asmoz.
Zertan da orain?
Ez dugu gauzatuko. Deitu genituen ehun pertsonetatik hiruk esan zuten baietz. Eskaintza ukatu zutenen artean, gehiengoaren arrazoia zen beldurra: testuingurua salatzen zutela, asko sentitzen zutela, baina euren lanpostuak galtzeko arriskuan zirela.
Argazki oina
Espero zenuten erantzun hori?
Ez, oso etsigarria izan da. Bestelako aldarrikapenetan parte hartzen duten pertsonaia ezkertiarrak bildu genituen zerrendan, baina Kataluniak bizi duen injustiziarekin ez dira fitxarik mugitzeko gai izan. Nola da posible? Seguruenik eurek bustiko balira Espainiak ez luke orain bezala jokatuko…
Erizaindegi ikasketak Estremerako espetxerako bisitekin uztartzen ari zara.
Egokitzapen prozesu bat egin dut honetan ere. Hasieran aita ikusteko beharra neurrigabea zen. Orain oreka lortzen saiatzen naiz: hileroko familia bisean biseko bisitetara joaten naiz bakarrik, kristalaren bestaldeko bisitak saihestuz. Gogorregiak ziren. Hotzak. Hein batean, oraindik ere, ezin dut nire aita pareta horien artean giltzapetuta dagoela sinetsi. Hain gertu zaude eta hain urruti aldi berean…
Zer-nolakoa izan da funtzionarioen aldetik jaso duzun erantzuna?
Giltzapetzea zigorra bada bere horretan, familiok zigor bikoitza sofritzen dugu bisiten izaeragatik. Hasieran zera zen gogorrena: kristalaren bitarteko solasaldietan bat-batean mozten dutela mikroa, aldez aurretik abisatu gabe. Hain krudela eta gogorra zen hala agurtu behar izatea!
Espainiako justiziak dispertsioa erabili izan du betidanik. Zure aita atxiloaldi prebentiboan egonik, zer deritzozu Madrilen egoteaz?
Dispertsioa zigor gisa uler daiteke bakarrik, are gehiago atxiloaldi prebentiboan. Eskubideek berdinak behar lukete izan denontzat, ulertezina da Madrileraino joan behar izatea.
Espainian Mariano Rajoy erori eta Pedro Sanchez da orain presidente. Nola eragingo dio aldaketak Kataluniari?
Oraingoz ez dut aldaketarik antzeman, espetxeratuez hitz egin duenean, behintzat, eta argi dago Sanchez errepresioaren erantzule izan dela. Hala ere, zentsura mozio bitartez iritsi da presidentetzara, hainbat alderdiren babesari esker. Beraz, behartuta dago keinuren bat egitera eta, ondorioz, ilusio gehiegirik egin gabe baina esperantza hor dago. Edonola ere, Kataluniako espetxeetara ekartzea legeak biltzen duen eskubidea izan arren, nire borroka eta erronka aske uztea da.
Bitartean, Kataluniak mobilizatuta darrai. Beldurrik duzu gizarteak salbuespen testuingurua normalizatzeko?
Bai, noski. Dagoeneko nabaritzen dugu lehen egunetako euforia desagertu dela. Badirudi geroz eta gauza larriagoak gertatu behar direla jendea kalera ateratzeko. Batez ere, geure adinekoen artean. Hori oso gogorra da. Ezin dugu ahaztu jendea atxilotzen ari direla abestiak idazteagatik! Pentsatu nahi dut normala dela, eta mobilizazioaren beherakadak balio duela borrokari eusteko indarrak hartzeko...".
Kataluniako preso politikoak larrutik ari dira ordaintzen idealen defentsa. Merezi izan du?
Noski. Bestela ez genuke dugun indarra izango. Eurak preso daude, baina badakite egindako bideak helmuga bat izango duela. Nik Espainian ez dut itxaropenik, baina, nazioarteko bilakatuz, geure erronka lortuko dugu! | news |
argia-b3498dd8f65d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/hitz-emandakoa-konplitu-dezatela.html | Hitz emandakoa konplitu dezatela | Juan Mari Arregi | 2018-06-17 00:00:00 | Hitz emandakoa konplitu dezatela
Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidente berriak bere ibilaldia hasi du Mariano Rajoyk ezarritako Estatuko Aurrekontu Orokorrek lotuta.
Uda ondorenean, baina, 2019koak aurkeztu beharko ditu. Horregatik, komeni da duela hilabete aurkeztu zituen plan alternatiboak gogoraraztea, gastu sozial eta zerga gehiagoko Estatua batean oinarrituak.
Gastu publikoa 8.000 milioi eurotan handituko dute egitura produktiboa modernizatu eta hazkunde ekonomikoaren etekinak hobeto banatzeko. Beste 5.500 milioi euro bideratu nahi dituzte krisiak eragindakoentzako. 2.400 milioi pobrezia borrokatzeko planerako eta 1.200 milioi epe luzean langabezian daudenak babesteko. Gastu sozialaren gehikuntza hori ordaintzeko, sozialisten plana zergak igotzea da, neurri berean. Multinazionalei eragingo lieke gehien, Sozietateen Zerga igo eta 4.000 milioi eurorekin. Bankuei ere zerga jarriko liekete eta horren bidez beste 1.000 milioi euro lortuko lituzkete pentsio publikoak ordaintzeko. Urtean 150.000 euro baino gehiago irabazten dutenek PFEZean ere igoera nabarituko lukete. Horrez gain, bikoiztutako egiturak ezabatuz eta hornigaien erosketetan hobekuntzak eginez 2.500 milioi euro aurreztuko lituzke gobernu berriak.
Beraz, konplitu dezatela orain hitz emandakoa. Espainiako presidente berriak ez du erraz izango. Ez soilik oposizio politikoagatik –batez ere mendeku gosez dabilen PPren partetik–, enpresek, multinazionalek eta bankuek jadanik erreakzionatu dute. Ez dute erreforma laborala eta antzekoak bertan behera uzterik nahi, euren interesei onura besterik ez baitie ekarri. Ez dute zerga gehiago nahi. Zentsura mozioa babestu zuten alderdiek, salbuespenenak salbuespen, seguruenik plan alternatibo horiek onartuko lituzkete. Baita, jakina, Espainiako Estatuko herritarren gehiengoak ere. | news |
argia-6afbc549adba | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/olivier-peter.html | "Delitu politikoa jende zintzoaren delitua da" | David Bou | 2018-06-17 00:00:00 | "Delitu politikoa jende zintzoaren delitua da"
Genevan (Suitzan) erbesteratuta dagoen CUP-Crida Constituenteko diputatu ohi Anna Gabriel Sabatéren abokatua da Olivier Peter (Zurich, 1986). Giza eskubideetan, nazioarteko zuzenbide penalean eta estradizioetan aditua da. Legelari suitzar gazteari eskatu dio aholkua militante antikapitalistak. Peterri ez zaizkio elkarrizketak gustatzen, baina La Directarekin hitz egiteko prest agertu da. Bi hedabideon arteko harremana medio, ARGIAn elkarrizketa euskaraz eskaini nahi diegu irakurle euskaldunei.
Anna Gabrielek Auzitegi Gorenean ez aurkeztea eta Genevara joatea erabaki duenean hasi da zure papera Katalunian. Zein egoeratan dago bere aurkako prozedura?
Desobedientzia delitua egotzi dion auzipetze-autoa ezagutzen dugu, eta larritasun txikiko delitu politikoa denez, ez dago estradizio eskakizunik. Momentu honetan Suitzan bere aurkako prozedurarik ez dagoenez, nire eginkizuna Anna aholkatu eta bere eskubideak errespetatzen direla bermatzea da.
Zer baldintza bete behar dira estradizio eskakizuna egin ahal izateko?
Gutxienez urte beteko kartzela zigorra. Annaren kasuan, desobedientziagatik, hiru eta hamabi hilabete bitarteko inhabilitazio zigorra legokio. Matxinada delitua leporatzen zioten hasieran, baina Suitzako barne zuzenbidearen eta herrialde horrek Europar Kontseiluko estatuekin duen hitzarmenaren arabera, ezin da delitu politikoengatik inor estraditatu. Eta delitu hau, argi eta garbi, erabat politikoa da.
Zer jarrera azaldu du Suitzak Anna Gabrielen egoera prozesalaren, egozten zaizkion delituen eta estradizio eskakizuna onartzeko hipotesiaren aurrean?
Suitzak nahiko adierazpen harrigarria egin zuen militante antikapitalista bertan zegoela jakin ostean, Espainiako justizia ministro Rafael Catalák estradizio batek "ez lukeela arazo berezirik eragingo" esan zuenean. Cataláren homologoaren bozeramaileak esan zuen delitu politikoak zirela eta Suitzak ez duela delitu polikoengatik inor estraditatzen. "Eskakizunik jasoz gero, aztertuko dugu, baina delitu politikoak dirudite eta, hala badira, ez dugu estraditatuko".
Argazkia: Victor Serri / La Directa
Suitza Europar Batasunean ez egoteak estradizioen funtzionamenduarekiko desberdintasunik ba al dakar estatu kideen artean?
Bada Europako Batzordearen hitzarmen bat, 1957ko Estradizioaren Europako Hitzarmena izenekoa, Europako estatuen artean erabiltzen zena Europar Batasunak pertsonak entregatzeko bere lege propioa edukitzea erabaki zuen arte, egun euroagindu gisa ezagutzen dena arautzen du. EBko mekanismo berri honek aurrekoa ordezkatzen du estatu kideentzat, baina Suitza kanpoan da eta hitzarmen zaharrari atxikia jarraitzen du. Honen hirugarren artikuluak esplizituki zehazten du ez dela delitu politikoengatik inor estraditatuko.
Asilo politikoa eskatzea aztertu duzue ala azken hilabeteetan bezala jarrai dezake Gabrielek Suitzan bizitzen?
Suitzak EBrekin duen hitzarmen batek aukera ematen die EBko herritarrei hara joan eta hiru hilabete egon ondoren bizileku baimena eskatzeko. Egoeraren inguruko xehetasunik azalduko ez dudan arren, baiezta dezaket momentu honetan bizileku baimenarekin Suitzan legalki bizi dela eta ez dagoela beharrik asilo politikoa eskatzeko.
"Anna Gabriel Suintzan legalki bizi da eta ez dago asilo politikoa eskatzeko beharrik"
Diozu delitua politikoa dela eta Gabrielek alde egin zuela Espainiako Estatuan epaiketa justu baten bermerik ez zuelako. Zein dira gakoak?
Auzi hau ikertzen ari diren epaileen partzialtasuna agerikoa da. Auzitegi inpartzial eta independiente bat exijitzea zuzenbide estatuaren ezinbesteko oinarria da eta, kasu honetan halakorik ez dagoenez, ez dago epaiketa justuen aukerarik. Seguraski, kasu honetan egon zitekeen epaiketa justu bakarra auzia bertan behera utzi eta jendeari bozkatzen uztea litzateke.
Zergatik kontsideratu zen Suitza dela aukerarik onena?
Anna Suitzarekin saiatu bada, batetik, arrazoi sinboliko eta politikoengatik da. NBEaren egoitza bertan da, baita Giza Eskubideen Kontseiluaren eta beste nazioarteko erakunde askorenak ere, diplomazia gune bat da eta beste herrialde batzuek baino garatuago du demokrazia herrikoiagoa eta erreferendumak egitea. Bestetik, kontu juridiko batengatik: lehenago aipatu dugun hitzarmenaren prozesua ezberdina da, delituen izaera politikoa den ala ez aintzat hartzen du, beraz, luzeagoa eta konplexuagoa da. Hala ere, harritzekoa da euroagindua bezalako prozesu azkar eta errazak denboran hainbeste luzatzea. Pablo Llarenaren argudioen ahulezia agerian uzten du.
Argazkia: Victor Serri / La Directa
Katalunian eta Espainiako Estatuan gertatzen ari dena nola jasotzen dute Suitzako gizarteak eta insitituzioek?
Urriaren lehena arte, independentziaren aldeko mugimendu indartsu bat eta gatazka bazirela bagenekien. Aldarri horri Espainiako Estatuak eman dion erantzunak, poliziaren biolentziak, zigorgabetasunak eta, batez ere, Espainiako Gobernuak gertatutakoa nazioartean egin duen kontakizunak ikusgarritasun gehien zuen Carles Puigdemonten tesia zuzena dela frogatu dute: salbuespeneko demokrazia eta eskubide zibil eta politikoen urraketa gertatzen ari dela.
"Puigdemonten tesia zuzena dela frogatu dute: eskubide zibil eta politikoen urraketa gertatzen ari dela"
Epaileen esparruan ikusten al da Espainiako Estatuak ez dituela babesten bere herritarren eskubideak, Europako beste estatu batzuek bezala?
Anna Gabriel Suitzan zegoela iragarri zenean, espektro ideologikoaren segmentu guztietako profesionalek onartu zuten prentsan Espainiako epailetzaren partetik jazarpen politikoa existitzen dela.
Zer babes sozial du Anna Gabrielek Suitzan?
Badira CUPen eta ezker independentistaren kausaren aldeko sektore militante minoritarioak, beren ikuspegia defendatzen dutenak. Ondoren, askoz ere zabalagoa den sektore batek, Annaren eta jazarritako edozein pertsonak politikoki adierazteko askatasuna aitortzen du. Ez daude independentziaren aldeko ikuspegiarekin ados baina, bozkatzeko aukera balute ezezko bozka emango luketen arren, aldarrikatzen dute pertsona horien bozkatzeko eta adierazteko eskubidea. Asko dira eta ez dira soilik ahoz adierazten, Annak jasotzen duen sostengu konkretu eta materiala izugarria da.
Argazkia: Victor Serri / La Directa
Kataluniatik egiten diren mugimenduen aurrean, Espainiako Estatuak diplomatikoki erantzuten al dio Suitzari? Zer gertatu zen Hervé Falcianirekin orain hilabete batzuk? Kromoak aldatzeko saiakera izan zen?
Falcianiren atxiloketaren timingak, Suitzak pertsona hau entregatzeko eskariak Auzitegi Nazionalaren mahai gainean urtebete zeramanean atxilotzeak, botere judizialaren independentzia falta eta hau gobernuaren interesen menpe dagoela adierazten du berriz ere. Marta Rovira Suitzan zegoela iragarri eta hamar egunetara atxilotzea erabaki zuten. Bestela azal ezin daitekeen kasualitatea da.
"Annak jasotzen duen sostengu konkretu eta materiala izugarria da"
Mugimendu diplomatikoen inguruan ez daukagu informazio askorik. Alfonso Dastis, Espainiako Atzerri ministroa bere homologo suitzarrarekin elkartu zela badakigu. Horixe da ekintza konkretu bakarra. Eskakizun askorekin etorri eta esku hutsik itzuli zen. Suitzako gobernuak esan baitzion bi pertsona estraditatu nahi bazituen eskariak modu egokian aurkeztu beharko zituela, hau ez dela bahituen trukea, indarrean diren legeen erabilera baizik.
Suitzako gizartearentzat nahiko sinestezina izan zen telebista publikoan egindako elkarrizketa batean, komunikatiboki zeinen gaizki argudiatu zuen Dastis ministroak bere posizioa. Puigdemont entregatu beharreko gaizkile arrunta zela eta erreferendumik ez zela egingo Konstituzioak debekatzen duelako, eta kitto. Gatazka politikoaren ukazioak Espainiako Gobernuaren sinesgarritasuna kaltetzen du argi eta garbi.
Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegian aditua zara, zein erabilera izan lezake helegite bat aurkeztuz justizia europarrera jotzeak, halako prozesu batek dakarren denbora luzatzea kontuan hartuta?
Heriotza zigor edo tortura arrisku handiko kasuetan izan ezik, Europako justiziak ez du behin-behineko neurririk agintzen. Beraz, behin-behineko neurririk ez, baizik eta hiru eta zortzi urte bitartean luza daitezkeen prozedurak hasiko dira.
Ez dut uste Europako justiziak epe motz edo ertainean arazoak konponduko dituela espero behar denik. Hala ere, egun ematen diren oinarrizko eskubideen urraketek nolabaiteko aitortza behar dute. Iraupen lasterketa da eta epe luzean egin beharreko borroka dugu hau. Hamar urte barru iritsi arren, erabilgarri izan daitezke aitortzeko egun Katalunian gertatzen ari dena ezin dela onartu eta oinarrizko eskubide politikoen urraketa dela.
Argazkia: Victor Serri / La Directa
Momentu honetan Anna Gabrielek Espainiako lurraldean atxiloketa agindua du, baina egozten zaizkion delituek ez dute kartzela zigorrik. Bera itzularazi eta hemen dagoenean delitu berriak egozteko amarrua izan liteke?
Ez dugu Espainiako justizian konfiantzarik, ez dakigu zer egin nahi duten. Hala ere, argi dago atxiloketa edota prozedura injustu baten arriskua dagoen bitartean ez dela itzuliko.
Noiz amaituko da arrisku hau?
Ez dakit, hemengo abokatuei galdetu beharko zenieke... edo Errepublikaren egunean edo haiek dioten egunean. Delitu politikoa jende zintzoaren delitua da. Ez dut uste Anna edo gainontzeko erbesteratuek deliturik egin dutenik. Eta, egin badute, jende zintzoaren delitua da. | news |
argia-7d1d56455570 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/anfibioak.html | Parkeko biztanle ezkutuak | I�aki Sanz-Azkue | 2018-06-17 00:00:00 | Parkeko biztanle ezkutuak
Ilunargitan sartu gara Donostiako Aieteko parkean. Gure bizkarrean itxi dute sarrerako ate nagusia. Hamar bat pertsonak osaturiko taldetxoa, barruan gaude, bakarrik. Ba al du zentzurik hemen egoteak? Parkeak gizakiarentzako aisialdi eremu soila direla pentsatzen duen horietakoa bazara, ez diozu zentzu askorik aurkituko. Hiriko animalien eta landareen kontserbaziorako eremu garrantzitsuak izan daitezkeela sinesten baduzu, ordea, bai. Gautu du eta parkera etorri gara bertako anfibioak ikustera.
Aranzadi Zientzia Elkarteak antolaturiko ikastaro baten aitzakian gerturatu gara Aieteko parkera. Ion Garin-Barrio dugu gidari. Inguruan ditugun anfibio espezieak ezagutzeko mendira joatea izango litzateke arruntena, edo, zergatik ez, inguruko parke naturalen bateko hezegune zoragarri batera gerturatzea. Hemen gaude, alabaina, hiriko eremu berde baten erdian, gauez eta anfibioak ikusteko asmoz. Izan ere, herri eta hiriko parkeetan bizitza dago. Egunez eta gauez. Uste duguna baino askoz gehiago, gainera.
Errege-erreginak, Bake Konferentziak eta... apoak
Aieteko parkeak XIX. mendeko Donostiara garamatza: itxura neoklasikoko jauregi handia du, zelai berdeak eta lorategiak, urmaelak, haitzuloak, ur-jauziak… eta inguruan dozenaka arbola ezberdinez osaturiko eremua. Ez da zaila bisitariarentzat bertatik pasa diren Isabel II.a, Alfonso XII.a, María Cristina eta Alfonso XIII.a Espainiako errege-erreginak inguruko bidetxoetatik paseatzen irudikatzea; edo Ingalaterrako Victoria erregina urmaelaren aldamenean eserita imajinatzea.
Franco diktadoreak ere bertan igaro zituen hainbat uda, eta ibiliko zen, ziur aski, udako egun sargorietan babes bila arbolen gerizpean, ur-jauzitik erortzen den urak sortzen duen haize freskoa sentitu nahian. Ez zuen esperoko, noski, hantxe, urte batzuk beranduago elkartuko zirela nazioarteko hainbat aditu Aieteko Bake Konferentzian; baina hala izan da. Aietetik itxura, jatorri eta pentsaera askotako pertsonak pasa dira. Bitartean, ordea, urmael horretan ezkutaturik, edota basope horretako sustraien artean gorderik, oharkabean igaro dira Aieteko parkeko biztanle txiki batzuk: anfibioak.
Aieteko parkean aurkitu dugun uhandre palmatua (Lissotriton helveticus), emea. Argazkia: Dani Blanco.
Uhandreak, igelak eta apoak
Udaberrian egin dute ikastaroa Aranzadikoek; ez da kasualitatea. Oraintxe da sasoi onena anfibioak ikusteko. Ugal garaian daude bete-betean eta parkeko urmaelek eta putzuek igelen, apoen eta uhandreen bisita jasotzen dute urtaro honetan. Historian zehar Aieteko jauregitik pasa diren pertsona handi-mandi horiek zapabururik igerian edo igelik saltoan ikusi zuten ez dakigu, baina nahiko ziur esan dezakegu kantuan, behintzat, entzungo zituztela.
Izan ere, ur-igel arruntaren ( Pelophylax perezi ) kantua entzuteko modukoa da. Udaberri eta udako egun beroetan, egunean zehar zein iluntzean entzuten dira, marrakaz, kantu ozen eta zalapartatsuan. Entzun ez ezik, ikusi ere ikusi dugu ur-igela. Urmaelaren ertzean, burua uretatik kanpo duela, gorputza barruan, zelatan ibili zaigu. Onar dezagun: hor, ordu horretan, soberan ginenak gu ginen.
Aieteko parkean topatu dugun txantxiku arrunta (Alytes obstetricans), gaztea. Argazkia: Dani Blanco.
Ur-igelarena, baina, ez da entzun dugun kantu bakarra. Txantxiku arruntak ( Alytes obstetricans ) ere bere gaueko koroa martxan jarri du. Baso azpian ibili da, txistu hots eta kantuaren arteko bere ohiko soinu nahasketa horrekin gu zirikatzen: "Kun-kun". Europako apo espezie zaharrena da. Erraza da bere kantuarekin dagoen tokira hurreratzea. Aurkitzea, ordea, beste kontu bat da. Metro erdira eduki arren, ez uste ikusteko erraza denik. Zaharraren esperientzia izango da, agian. Ur-jauziaren soinu jarraia eta txantxikuaren kantu fina dira gaueko isiltasuna hausten dutenak. Soinu lasaigarria da, ordea. Bake konferentziak hemen behar zuen izan, nahitaez…
Esku-argiak piztuak ditugu. Arratsaldez ikastaroaren atal teorikoa izan duten herritarrak gustura dabiltza ikasitakoa praktikan jartzen. Onena, ordea, iristear dago: uhandreak falta dira!
Aieteko parkean aurkitu dugun uhandre marmolairea (Triturus marmoratus), arra. Argazkia: Dani Blanco.
Uhandreak anfibio isatsdunak dira. Urodeloen taldekoak. Urmaelaren hondoan behatu dugu, eta hor daude. Bi uhandre mota ezberdindu dituzte ikastaroko ikasleek Aieteko parkean: uhandre palmatua ( Lissotriton helveticus ) eta uhandre marmolairea ( Triturus marmoratus ). Ur azpian daude. Geldi. Arrak eta emeak harrapatu ditu Ion Garin-Barriok. Bera da animaliak manipulatzeko baimena duena. Azalpenak argigarriak izan dira, eta uhandre marmolairea ikusi izana, denbora askoan ez ahazteko modukoa.
Parkeen garrantzia anfibioen eta bioaniztasunaren kontserbazioan
Aieteko parkean lau anfibio espezie ikusteko aukera izan dugu. Baina egon, badaude gehiago. Apo arrunta ( Bufo spinosus ) eta arrabio arrunta ( Salamandra salamandra ) ere bizi dira bertan, nahiz eta gaurkoan ez ditugun ikusi. Donostiako anfibio espezieen ehuneko handia dago bertan. Anfibioak munduko ornodun talde mehatxatuena dira eta zaila dirudi parkeek horien kontserbazioan zeresanik eduki dezaketela pentsatzeak. Eremu berdeek, ordea, hirietako anfibioen bizileku moduan, eta orokorrean, bioaniztasunaren arnasgune gisa joka dezakete, eta beraz, garrantzitsua da horien kudeaketan ere bertako eta inguruko fauna eta flora espezieak kontuan izatea.
Hirietako parkeek gizakiaren aisialdirako duten erabileraz gain, hezkuntzarako zein hiriko bioaniztasunerako funtzio garrantzitsuak bete ditzakete –honetaz gehiago irakur dezakezu ARGIAren 2559 zenbakiko Natura nola bizi eremu urbanoko ikastetxeetan artikuluan–. Ekintza sinpleekin, eta parkearen paisai orokorraren eta barneko eremu txikien (mikrohabitaten) antolaketa eta kudeaketa egokiarekin, funtzio horiek guztiak uztartu daitezke. Eta espezie mehatxatuen populazioak kontserbatzeko erabili daitezke. | news |
argia-b9c0f966de5e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2603/tortura-xuria.html | Tortura xuria | Aritz Galarraga | 2018-06-17 00:00:00 | Tortura xuria
Kartzela, ez dakit inoiz utzi dion egoteari, baina hain modako dagoena, kasik urte oso eta askotarako tendentzia baten gisa. Euskarazko literaturari kasu eginez gero, hasieretatik dago, Etxepare bera Biarnoko hartara sartu zutenetik. Sarrionandiaren kasu, ez noski azken, bai segur aski paradigmatikoraino. Eta hor badago tesi edo dena delako bat, euskal literatura eta kartzela lotzen dituena. Kartzelaren makurrena, ordea, bakartasuna.
Pasa direnek diote, bakartasuna, isolamendua, nahi gabe ere, izerdi hotza balitz bezala, azalean itsatsi zaigun terminologia. Bakartasun ez bilatua, ez desiratua, fabrikatik bakarzale garenok hainbeste maite duguna. Baizik eta derrigorra, autoritatearen baitakoa. Filipe Bidartek ezagutu zuen, IK talde armatuko kideak, Frantziako kartzeletan.
Eta liburutxo batean eman zuen berri, laburtu zituen bakartasunean pasa behar izan zituen bi urtetik gorakoak ("non legez ez den hiru hilabete baino gehiagorentzat atxikitzen ahal"). Bi urte bakartasunean, irakurrita, ez du asko ematen, akaso, hogeita lau orenetatik hogeita hiru zeldan, goiz eta arratsaldez promenada bana –ordu erdiko–, giza tratu bakar funtzionarioen salutazio ez bereziki espansiboak. Tortura xuria, alegia, bestelakoen aldean oharkabea baita. Hitzek ez dute transmititzen, ezin, barruan bakarrik dagoenak zer sentitzen duen. Baina, sinistu, liburua irakurri ahala zuk ere senti dezakezu, atea ixtean, klanka, barruan bakarrik geratzen zarela, ezin aterako zarenaren itolarria, lehen ordu-egunen noraeza. Gero pixkanaka egingo zara, harrabotsetara, denboraren izari berrira, antsiak erabat sekula abandonatuko ez zaituen arren. Ez dakizu zer lasaitua hartzen den, denboragarrenera, irrati ttipi bat erosten ahal duelarik!
Bakartasunaren testigantza gordina, beraz, inoiz zuloan sartuko ez gaituzten esperantza dugunok (gauzak nola dauden ikusita, auskalo) bakartasuna, ez bilatua, ez desiratua, baizik eta derrigorra, zertan den ezagutzeko balioko diguna, inoiz zuloan sartzen bagaituzte (epaileak guarda!), gidaliburu modura ere erabil genezakeena, superbibentzia kit bat bailitzan, baina, besteren gainetik, denik eta egoerarik kontrakoenean ere, erresistentziarako, duintasunerako, umorerako tartea badagoela erakusten diguna.
"Gizakia ez da bakarrik bizitzeko sortua". Fabrikatik bakarzale garenok ere fedea aldatuta bukatuko dugu irakurketa. | news |
argia-283da77d249b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/ogia-nekazaritza-baino-zaharragoa.html | Ogia, nekazaritza baino zaharragoa | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-07-29 00:00:00 | Ogia, nekazaritza baino zaharragoa
14.400 urteko ogia aurkitu du Jordaniako Shubayqa 1 aztarnategian Amaia Arranz Otaegi euskal ikerlaria buru duen Kopenhageko Unibertsitateko talde batek.
Horrek esan nahi du Neolitoan –duela 10.000 urte– nekazaritza asmatu baino 4.000 urte lehenago gizakiek ogia prestatu eta jaten zutela. Proceedings of the National Academic Science aldizkarian azaldu dutenez, zereal basatiak erabili zituzten pita moduko opil laua egiteko.
Ikerlariek harriduraz hartu dute aurkikuntza, baina nabarmendu dute opil horiek ziurrenik salbuespena izango zirela gizaki horien dietan, eta nekazaritza ezinbestekoa izan zela gerora ogia oinarrizko elikagai bihurtzeko. | news |
argia-3e5b02690e82 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/ilunabarrekoa.html | Ilunabarrekoa | Igor Estankona | 2018-07-29 00:00:00 | Ilunabarrekoa
Joxemari Sestorainek euskarari ekarri dio poeta atipiko bat, Beñat Sarasolak hitzaurrean gaztigatzen digunez, goi-zeruetako poesiaren aldean nahiago duena gorputzarekin esan esan beharreko poesia: "Oihalak zabalik animalia hilen gainean/ lainoa/ ezkutatuz paisaia non dabilen gorputza/ atzo goiz-hastean ahaztu zenuena".
Zaila eta bazterreko maitasunen zalea, Alberto Raposo Pidwell Tavares, (Coimbra, 1948–Lisboa, 1997) eskultorea izan zen, animatzaile kulturala, arte komisarioa, Antonio Madeira edo Sergio da Costa e Silvaren editorea, hippya Europan barna, ikasia eta desikasia. Al Bertok hitzetara ekarri zuena barru-barrutik bizi izan zuen lehenik, eta bizitzaren gainean idazteko –gauza ederrak, gauza zatarrak– forma berriak behar zituen derrigor: "Oli, txapero ikusezina, alfonbran luze etzan eta oihuka hasi da: ez, ez sartu niri, suitzarra nauk eta suitzarroi ez zigutek ipurtzulotik ematen! tira ba! sartzak poliki, poliki… eta atzealdera jartzen zuen ipurdia, hortzak karraskatzen zituen esperma egarri den zakur-eme altak bezala".
Iduri luke Al Bertoren idazkera dela desmasiaren poesia. Dena dela, ez da artifiziala. Benetakoa da odola, benetakoak izerdia, hazia, listua. Esan dezagun desmasia dela munduak poetari sortzen dion enpalagua, errealitatearen ispilua. Al Bertok bitariko sentipen bat zeukala ematen du batzuetan: absurdua egiten zaio existentzia, baina absurduan soilik aurkitzen du zentzua. Artearen bidez konpontzen du itxuraz kontraesana dena. Eta izarren arteko gizakiaren bidaia meteorikoa soilik defini daiteke idazkera agil, konplexu bako eta jator horrekin: "Gelatina-neoizko harizpiek hartzen dute katedrala/ gaueko filmaren zeluloidean: hegoen arkitektura/ haizearen bobedak zaborrezko txoriak".
Expresso egunkariak jaso zituen bere hitzak, hil baino hilabete eskas lehenago. "Todos os meus livros tiveram um carácter de urgência" . Dena azkar, dena bene-benetan. Antologia honetan hurreratzen denak ez du urmael lasairik kausituko, oinazera eta plazerera pega-pega eginda dagoen arimak idatzitako berba gordin eta eleganteak baino. Gustatuko zaizu. Ez zaizu gustatuko. Desengainurik behintzat ez duzu hartuko egia dioen poeta batengandik. | news |
argia-f7991be0b6d3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/plazeretik-euskarari-errazago-eusten-zaio.html | Plazeretik euskarari errazago eusten zaio | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2018-07-29 00:00:00 | Plazeretik euskarari errazago eusten zaio
Zazpi egun. Hamazazpi gazte. Bost begirale. Hamaika bizipen. Elkarren arteko lotura euskara. Horrela topatu ditugu Zestoako Sastarrain baserri-eskolan UEMAk udalerri euskaldunetako gazteentzat antolatutako Salto! udalekuetan parte hartutako lagunak.
Astebeteko udalekuak antolatzen dituen lehen urtea da UEMArena, estreinaldia; eta dagoeneko gazteak etxera itzuli badira ere, guk azken egunetan harrapatu ditugu Zestoan. 15 eta 18 urte bitarteko hamasei gazte euren kabuz gosaldu ondorengo jolasa erabaki eta antolatzen utzi ditugu baserri-eskolako gela batean, eta gurekin bildu ditugu Jokin Uranga UEMAko hezkuntza arloko arduradun eta udalekuetako koordinatzailea, Aizpea Aristi begiralea eta Irati Mendizabal, 14 urteko gazte oiartzuarra.
" Salto! -ren helburua euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea" dela azaldu zuen udalerri euskaldunen elkarteak udako programaren aurkezpenean, eta "aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da udaleku hauekin". Baina bete al dira benetan helburuak? Galdera hori egin die kazetariak hiru lagunei, eta hirurak, bakoitzak bere esparrutik begiratuta, gustura azaldu dira. "Ez ditugu formazio udaleku batzuk antolatu nahi izan. Horretarako badago ikasturtean zehar programazio oso bat prestatuta, eta ez ditugu 'aspertu' nahi izan hitzaldiekin edo tailer serioekin. Uste dugu gozamenetik eta plazeretik, zeharka bada ere, gauza asko barneratzen direla. Udaleku hauen helburua udalerri euskaldunetako gazteak elkar ezagutu, euren egunerokotasuna partekatu eta beste herrietan ere euskaraz bizi direla ikustea izan da; eta hemendik bueltan bakoitzak bere herrian hizkuntzaren eusle papera jokatzea. Azken batean irla txiki batzuk gara", adierazi digu Jokin Urangak.
"Zazpi egunetan talde-giro zoragarria izan dugu bai gazteen eta bai begiraleon artean. Jolasen eta ekintzen bidez aritu gara aipatu duzun kontzientziazioa lantzen. Euskal musika eta kulturari lotutako eguna izan genuen atzo, adibidez, eta algara artean entzun eta ezagutu genituen hainbat euskal talde. Gazteei hitz bat eman eta hitz horri lotuta ahalik eta abesti gehien biltzea izan zen jolasetako bat. Gustura aritu ziren, eta balio izan zigun ikusteko zenbat kanta dakizkigun, zein gai diren euskal musikagintzan agertzen direnak, eta abar", kontatu digu Aizpea Aristik.
Irati Mendizabal gazteak ere "oso balorazio positiboa" egin du: "Oñati, Oiartzun, Bermeo, Otxandio eta Igorreko hamazazpi lagun elkartu gara eta izugarrizko harremana egin dugu elkarrekin. Denetarik egin dugu, errekan ibili, mendira edo hondartzara joan, ginkanak, gaubelak... oso esperientzia polita izan da, errepikatzeko modukoa".
Espero baino talde txikiagoa bildu da, eta antolatzaileek onartu dute "kosta egin dela" gazteak erakartzea. "Alde batetik adina dago. Agian gaztexeagoak gerturatzea errazagoa izaten da 15-18 urte bitartekoak erakartzea baino", aitortu du koordinatzaileak. "Eta bestetik dago zuk bertso- edo kirol-udaleku batzuk antolatzen badituzu errazagoa izan daitekeela, gazte horiek astero zerbaitek biltzen baititu, zerbait zehatzagoa egiteko jendea batzea errazagoa izan liteke. Gure kasuan, zabalagoa da udalekua bera, eskaintza orokorragoa izan du, eta lehen urtea izanik, gainera, gazteek ez dute aurreko erreferentziarik", jarraitu du. Baina talde txikiaren "alde onak" azpimarratu nahi izan dituzte hirurek, denen artean harreman estuagoa egiteko neurriko taldea izan baita. Urangaren hitzak: "Ni joan-etorrian ibili naiz, ez naiz begiraleak bezala egunean 24 orduz gazteekin egon. Kanpotik ikusi ahal izan dut harremanen garapena, eta ederra izan da bai gazteen eta bai begiraleen artean sortu den saltsa".
Begiraleen formazioa
Asteburu bateko prestakuntza-saioa jaso dute aurretik begiraleek. Hasteko, UEMA zer den ezagutu, bere ibilbidea zein den, zer helbururekin lan egiten duen eta abar landu dute; eta segidan udalekua bera prestatzeko baliatu dute asteburua. Dena dela ere, begirale gehienak udalerri euskaldunetakoak dira, eta aurretik ezagun zuten elkartea. Gainera, pare bat lehengo urtean Orion UEMAk berak antolatutako Gazte Topaketetan ere aritu ziren lanean, eta beraz, bazuten funtzionamenduaren berri.
UEMAren hezkuntza proiektua
Udaleku hauen oinarrian hezkuntza proiektu oso bat dago. Herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa da UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen duela bi urte, eta azken ikasturteetan UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean elkarteko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren xedea, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian ekin zioten iragan urtean Salto! proiektuari. Asteburu bateko Salto! Gazte Topaketak antolatu zituen 2017an Orion UEMAk. Eta aurten beste pauso bat eman du: hiru egun haietan landutako eduki guztia modu lasaiagoan lantzeko eta gazte gehiagorengana heltzeko, asteburu bateko egonaldia beharrean aste osoko udalekua prestatzea erabaki dute.
Datorren urteari begira formatu bereko zerbait antolatuko den oraindik garbi ez badago ere, asteburu bat edo pare bateko egonaldiak aurreikusten ditu UEMAk, gazte hauek elkarrekin harremantzen eta ahalduntzen jarrai dezaten.
Irati Mendizabal, 14 urteko oiartzuarraren bizipenak
Atzean Aizpea Arregi begiralea eta lehen planoan Irati Mendizabal udalekuetako parte-hartzailea. Argazkia: Dani Blanco.
"Udalekuetara joateko gogoa geneukan, eta eskolan eman ziguten Salto! -ren berri. Aukera polita iruditu zitzaigun, eta ez naiz batere damutzen. Oso ondo pasa dugu eta harreman estuak eginda goaz etxera.
Ni Irunen bizitakoa naiz, ez naiz betidanik Oiartzunen bizi izan. Aldaketa handia nabaritu nuen herri batetik bestera hizkuntzari dagokionez. Leku batean inguru guztiarekin gaztelaniaz egitetik, denekin euskaraz hitz egitera pasa nintzen. Oraindik ere Irunera bueltatu eta lagunen batekin euskaraz hitz egiten badut badago bateren bat esaten didanik, "zergatik ari zarete euskaraz?".
Baina Oiartzunen ere ez dute dakiten guztiek hitz egiten, eta uste dut hori euskararen kontra egitea dela. Gure hizkuntza da, eta pentsatzen dut inportantea dela dakigunok hitz egitea". | news |
argia-19f480be1049 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/brigada-moreak.html | Ondarroako jaiak busti ditu olatu moreak | Amaia Lekunberri | 2018-07-29 00:00:00 | Ondarroako jaiak busti ditu olatu moreak
Udarekin batera heldu dira auzo, herri eta hirietako jaiak. Sarri, urtean zehar mantendutako erritmo eta errutinetatik ihes egiteko abagune bezala hauteman ohi diren arren, festak ez dira ez ihesbide ezta jendartetik at dauden bake gune. Jaietan ere jendarteko gatazkak eta desparekotasunak islatzen direnez, askotan ez dira izaten denontzat plazer eta poz iturri.
Miren Guilló ikerlari feministak Festak, genero-harremanak eta feminismoa lanean azaltzen duenez, "subertsioz eta plazerez ehundutako harremanak eta gorputzak gara festetan. Baina festa, negarra begitik daraman tenpesta izateaz gain, min eta negarrerako parada ere bada". Izan ere, plazera eta aldarte ona ez den ezerk tokirik ez duen irlak izatetik oso urrun, jaiak jendartearen isla gordina dira: bertan birproduzitzen dira, besteak beste, sozietatearen nortasuna, ideologia eta balioak, baita botere harremanak ere. Azken aspektu hori, jaietan "dena libre" denaren aitzakiaz, biziagotu egiten da maiz. Eta eraso sexistak dira horren ondorio nabarmenetako bat.
Errealitate honen aurrean, asko dira jai parekideen aldeko lanketan murgilduta dabiltzanak. Lanketa horretan estrategia erabilienak eraso sexistei aurre egiteko protokoloak dira akaso, baina bada azken urteetan Euskal Herriko hainbat txokotara hedatu den beste tresna bat: Brigada Moreak.
Brigada Moreek mugimendu feministak aldarrikatzen duen autodefentsa feminista jarrera dute oinarritzat. Lasarte-Oria, Ermua, Villabona-Amasa, Laudio, Pasai Antxo, Zaldibar, Antzuola, Irura, Durango eta Ondarroa zerrendatu ditzakegu, besteak beste, Brigada Moreak martxan jarri dituzten herrien artean. Kasuan kasuko herriaren errealitatera egokitu ohi direnez, funtzionamendu ezberdinak izaten dituzte: jai giroan aktibo egoten dira batzuk, gerta daitekeen edozein erasoren aurrean erne; beste batzuk, adibidez, emakumeei* etxera itzultzeko babesa eskaintzen diete. Tresna honen funtzionamenduaren gainean ideia bat egitea xede, Ondarroako esperientziaz jardun gara bertako mugimendu feministako kide diren Alaitz Monasterio eta Naroa Argoitiarekin.
Ondarroan "Billurrak guaz jai!"
Aurreko urteetan jai parekideen alde egindako lanketarekin jarraitu eta urrats bat gehiago emateko helburuarekin sortu ziren iaz Brigada Moreak Ondarroan. Dinamika Udaleko Berdintasun Sailak eta Etxelila emakumeen etxeak bultzatu zuten hasiera batean, baina Emaginen gidaritzapean indarkeria matxistaren gaineko formazioa jaso ostean, era autonomoan funtzionatzen hasi zen aurrerago Brigada Moreen talde motorra bilakatuko zena. Lehen urratsa nolako Brigada Moreak nahi zituzten zehaztea izan zen, eta lan hori egiteko beste herrietako esperientziak ardatz hartu zituztela adierazi dute Monasterio eta Argoitiak. Ostean, herriko jai nagusiak diren Andra Marietara begira beraien esku-hartzea planifikatzeari bide eman zioten.
Eraso sexisten aurrean erantzutea, erasoon gaineko informazioa ematea zein erasoen aurrean erasotuari babesa eta arreta eskaintzea zehaztu zituzten brigada kideen eginkizun bezala. "Erreferente izan nahi genuen, erasorik emanez gero erasotuek nora jo izan zezaten, epaituak izateko beldur barik" diote Argoitia eta Monasteriok. Erreferentzia hori lortzera bidean, brigada kideak identifikatzea erraztu asmoz, zapi more bat jantzita eramatea erabaki zuten. "Billurrak guaz jai!" lemapean kalera ateratzeko eguna heldu zenerako, 80 pertsona ingururi banatua zioten zapi morea.
Jai esparruan emakumeak* aske sentitzeko espazioen eraikuntzan eraso sexistak oztopo nagusiak direla ohartarazi nahi izan zuten Ondarroan
Zapia hainbeste jendek eraman arren, funtzioei dagokienez ezberdinak ziren bi talde eratu zituzten. Batetik, hamar bat emakumez osatutako talde motorra zegoen, formazioa jaso zutenez erasoen aurrean esku hartzeko "lanketa minimo bat" zeukatenak. Bestetik "gaiaren gainean kontzientzia" zeukaten herritarrak zeuden. Denak ere eman zitekeen edozein erasoren aurrean erne egon arren, erabakimena talde motorrak zeukala azaldu dute bi kideek.
Erasoen aurrean erantzuteko ardura hartzeaz gain, Andra Mari jaien argazki errealago bat egiteko xedez, jaietan ematen ziren erasoen gaineko erregistroa ere burutu zuten. Horretarako, emandako erasoekin erregistro orriak betetzeaz gain, salaketak egiteko buzoi eta posta elektroniko helbide bat jarri zituzten emakumeen eskura. Salatzeko unean konfidentzialtasuna eta anonimotasuna bermatzea bilatu zuten baliabide hauekin, erasotuak zama isilpean eramateko daukan joerarekin apurtu asmoz.
Bestetik, jaietan ematen diren eraso sexisten gaia sozializatu eta herriari ondorengo mezua helaraztea ere bilatu zutela azpimarratu dute: "denok nahi dugu ondo pasatu, pentsa dezagun nola lortu". Jai esparruan emakumeak aske sentitzeko espazioen eraikuntzan eraso sexistak oztopo nagusiak direla ohartarazi nahi izan zuten, eta lortu zutelakoan daude. "Jendeak jakin-mina agertu zuen, Brigada Moreak zer ziren eta zein funtzio betetzen zuten jakin nahi zuten", diote. "Hasieran, jai parekideak aldarrikatzeko zapia zelakoan, askok jantzi egin nahi zuten", azaldu du Argoitiak, eta horrek aldarrikapen hutsa egiteko zapia ez zela eta berau janzteak zer eskatzen zuen azaltzeko aukera luzatzen zuela gehitu. "Onerako zein txarrerako, eztabaida herriratu genuen eta kontzientziazioari bide eman genion", bat datoz biak.
Esperientziaren balorazio positiboa egiten dute. Prozesu osoan zehar "beraien buruen zaintza" erdigunean jarri izanak esperientzia polita eragin zuelakoan daude. "Jaiak beste toki batetik bizi izanaren sentsazioa" eragin zion esperientziak Argoitiari, "biktima edo erasotuaren roletik emakume aktibo rola izatera pasa eta gauzak aldatzen aritzearen sentipena" azpimarratuz. Gainera, prozesuaren bitartez herriko emakume askok elkar ezagutu dutela eta saretu egin direla ziurtatu dute. "Eta horrek beste indar bat ematen dizu", aitortu du Monasteriok.
Aurrera begirako planteamendua
Brigada More gisa jardun bitartean herrian sortzen ziren zenbait erresistentziaz ohartu ziren, diskurtso matxista legitimatzen duten zurrumurru matxistak kasu. Hala bada, aurreko hilabeteetan zurrumurruen kontrako lanketan aritu dira, hauek identifikatu eta desarmatzen asmatzeko. Ikasitakoa praktikara eraman beharrean ikusi dira oraintsu, herrian eman den bortxaketaren kontura zurrumurru pila sortu baitira. Zurrumurruak daukaten indarra eta eragiten duten kaltea gertutik ikusi duten honetan, "erasotzailea geroz eta gertukoagoa izan, kuestionamenduak orduan eta indartsuagoak" direla azpimarratu dute.
Herrian jazotako azken erasoari lehentasuna guztia eman diote, eta gauzak horrela, jaietan Brigada Moreak egingo dituzten ez dute erabaki oraindik. Edozelan ere, erasoaren aurrean erantzuten eta erasotuari babesa helarazten dihardute, biak ere Brigada Moreen eginkizunak. Aurtengo Andra Marietan brigadak antolatu edo ez, autodefentsa feministak kaleak hartuko dituela usaindu daiteke Argoitiaren hitzetan: "Gertakari honekin mugimendu feminista bezala artikulatzen hasi gara herrian".
*'Emakume' izendapenak genero sistema bitarraz gaindiko gorputz eta identitate askotarikoak barne hartzeko orduan mugak jartzen dituen arren, artikulu honetan aniztasun hori barne hartzen du | news |
argia-676769b56d12 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/mendia.html | Mendia | Koldo Aldalur | 2018-07-29 00:00:00 | Mendia
Argazkian dudan itxura nuen ARGIAk estreinakoz aukera eskaini zidanean. Tarte bat noizean behin aldizkarian. Baldintza bakarra: ahal izatera kirolarekin zerikusia izan zezala idatzitakoak.
Ez zait beti erraza egiten. Hainbat kirolek –diru asko mugitzen duten horiek batik bat– mamirik gabeko eztabaida ugari sortzen dute. Zarata hutsa. Atzean dauden interesetan sakontzean otzantzen dira argudioak, azaleko bihurtzen, eta gai hauei jarri izan zaien berotasuna erlatibizatu egiten da.
Baina batzuetan kirol munduak, eta kirolariek batik bat, magiaz betetako uneak eskaintzen dizkigute. Azal gutxi eta mami gozoko hitzak eta ekintzak. Balekoak.
Alberto Zeraini buruzko hitzaldia Zumaiko Flysch Trailaren egitarauaren barruan. Sebastian Alvaro, Juanjo San Sebastian, Josu Bereziartua, Joxe Ramon Agirre Marron, Johnatan Garcia eta beste mendizale beterano batzuk mendiak eman eta mendiak kendu diena ahotan hartuta ari dira.
Kendu, askori, besteak beste, hatzak eta behatzak. Eta, nola ez, han goian geratu diren lagunak. Eman ere, asko.
Bizitzaz eta bizitakoaz ari dira.
Mendiak, heriotza eta bizitza kontu bera direla erakutsi diola dio batek, naturaltasunez, gehiegi dramatizatu gabe, hartu beharrekoak biak ere; zortzi mila metrotik gora, kezka nagusitzen hasten denean, beheko kanpalekuetan ez bezala, jainkoak eta jainkosak, auskalo nondik, azaltzen direla dio besteak –ez dakit, beldurraz ez ote ari diren ari iruditzen zait nire motzean, baina, akaso, erlijio ezberdinei izan beharreko errespetuaz ari dira… jakin ezazu hauekin!–; une oro, azkena izan daitekeelako edo, erne eta zoli bizi beharra dagoela gogoratu du beste norbaitek. Eguraldi gaiztoak beharturik, denda barruan egunak –eta gauak– eman behar izaten direnean irten ezinik, detaile txikienak duen garrantziak, bizitzari –eta beraz heriotzari– aurpegira so egiteko zenbat laguntzen duen... Maisu zahar jakintsuak esaten omen zuen elementu gutxirekin unibertsoa –bizitzaren ulermena, alegia– osatzen dakienak hutsunean begiratzen asmatuko duela.
Mendi magalean jarrita tontorra hain urruti, ezinezko, ikusita, gure txikitasunaren kontzientziaren jabe garenean, hauts kosmikoa bederen bagarela ohartu zenekoa kontatu du beteranoenak. Isiltasunak hitz egiten omen du.
Esperientziak zentzuaren olioaz igurtzitako hitz bakoitzak neurozientzialari adituena ikaratuko lukeen txispazoa sortzen du nire burmuinean.
Itzurungo hondartzan harrapatu gaitu ilargiak. Hitzaldia aspaldi bukatu da, baina berriketarako gaiak eta lagunartean egoteko gogoa, ez.
Heriotzari buruz hitz egiteari utzi eta garrantzitsuagoak diren kontuak atera dira. Nepal Bailaran SOS Himalaya Elkartekoek erietxe bat altxatzeko diru laguntza behar omen dute. | news |
argia-f82a0c2ab902 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/fribolitatea-mesedez.html | Fribolitatea, mesedez | Leire Narbaiza Arizmendi | 2018-07-29 00:00:00 | Fribolitatea, mesedez
Mundua drama hutsa da. Badirudi gizateriak autosuntsiketaren bidea hartu duela, eta ezer gutxi dagoela horren kontra egiteko. Agian horregatik, idazten ditugun artikulu eta iritzi guztiak serio eta tristeak dira. Goibeltasun geruza batek blaitzen ditu guztiak, eta ezkortasunez betetzen zaigu burua.
Hein batean normala ere bada, gure egoera halakoa izanda. Baina ez genuke umore pixka bat gehiago erabili beharko? Ironia nonahi txertatu beharko genuke, baina ez bakarrik satira politiko-soziala egiteko.
Era berean, antzeko zerbait ere gertatzen da kultura arloan. Mursegok Eusnob kantan ondo definitu zituen intelektualak: denak gauza serioak egiten, kontu inportanteak, kultura gai serioa eta garrantzitsua delako.
Nik, ostera, barrea ere behar dut. Horregatik aldarrikatzen dut ganberrotasuna, gangarrarena egitea, zoroen moduan algaraka jarduteko, barruko penak libratzeko.
Fribolitatea ere eskatzen dut. Apur bat, sikiera, aipatu dudan mundu terrible honi aurre egin ahal izateko, asaskatzeko. Noizean behin hauxe egitea beharrezkoa dut: burua erantzi; fribolitatean murgildu; eta atzera ere, egurastutakoan, burua jarri eta jantzi, aurrera egin ahal izateko. Euskaraz, jakina. Mesedez. | news |
argia-0254c09e8a2a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/psilocybe-elkarteak-25-urte.html | Mende laurdena, abiapuntu gisa | Lander Arretxea | 2018-07-29 00:00:00 | Mende laurdena, abiapuntu gisa
Aurten 25 urte dira Hondarribiko musikari gazte multzoa batu eta Psilocybe elkartea sortu zutela. Amute auzoan lortu zituzten entsegu lokaletan izerdia botata trebatu dira Dut, Beti Mugan, Sorotan Bele, Lif eta beste dozenaka talde gogoangarri. 2008tik, kontzertu aretoa eta grabaketa estudioa ere baditu Psilocybenea izendatutako eraikinak. Bertan entseatzen duten taldeetako kideek kudeatzen dute. Urtebetetzearen aitzakian, bisita egin eta haietako birekin elkartu gara: Ortzi Alonso eta Mikel Tiferekin. Atzera begira jarri ditugu, baina urteurrena eta etorriko direnak ahaztu gabe.
Udak zaildu egiten du agendak koordinatzea. Oporraldia dela, herriko festak direla… Beti bada zerbait. Hala ere lortu dugu, azkenean, astearte bero eta lainotsu batez, hitzordua lotzea. Kotxe bakarrean elkartu eta han joan gara biak, argazkilaria eta kazetaria, Hondarribiko Amute auzora. Parez pare aparkatu dugu. Hortxe dago, gure begien aurrean, Psilocybenea. Kanpotik ere deigarria da eraikina: hormen kolore beltza, leiho borobilduen zuria, eta sarreran, orain gutxi jarri duten neoizko 'P' arrosa. XX. mende hasieran eskola izan zena, Bidasoaldeko musikazaleen erreferentziazko gune bihurtua.
Ate nagusia gurutzatu dugunerako Ortzi Alonso dugu zain. Bateria jotzen du Marmoka taldean. Sortzaileetako bat izan ez bazen ere, gertutik ezagutu zituen Psilocyberen lehen urteak. 1993an sortu zen, Hondarribiko rock musika taldeen elkarte gisa. Bilatzen jakinez gero, Jaizkibelen aurki daitekeen mongiaren omenez jarri zioten izena. Entsegu lokalak lortzeko borrokatzeaz gain, Sainduako gaztetxean kontzertuak antolatzen zituen elkarteak, eta horren bitartez ezagutu zuen Alonsok. "Kontzertuetan bateria jotzen zutenei erreparatzen nien, eta han piztu zitzaidan haiek bezalakoa izateko gogoa". 1997an egin zen, definitiboki, elkarteko kide: lagun taldea elkartu eta kide zaharragoengana joan ziren lokalak erabil zitzaketen galdetzera. Baiezkoa izan zen erantzuna. Giltzak utzi zizkieten, eta han bertan egin zuten lehen entsegua.
Horma bete talde
Garagardo bana atera digu Alonsok, eta hura eskuan dugula eraman gaitu Psilocybek duela hogeita bost urtetatik kudeatu dituen entsegu lokaletara. Beharrezko material guztiarekin hornitutako hiru gela dituzte gaur egun. Denera hemezortzi taldek erabiltzen dituzte, txandatan banatuta. Pasabide batek lotzen ditu hiru gelak. Bertako horma zurietan Psilocybe etxetzat izan duten talde guztien izenak daude idatzita, Judas Arrieta artistak egindako lanari esker. Martxan daude batzuk: Marmoka, Velozet, The Arritmic's, Elektropatxaranga, Sacco, Deskode… Beste izen askok ordea, garai haiek bizi zituztenek ahaztuko ez duten iragana gogorarazten dute: Pinbol, Sorotan Bele, Lif, Blood Seekers, Beti Mugan, Dut… Azken hori da, Dut, Psilocybe zapaldu duten talde guztien artean Alonso gehien kitzikatu duena. "Lurra dardarka jartzen zuten, baita hormak ere. Ondoko lokalean bazinen, ezinezkoa zen haiekin batera entseatzea".
Mikel Tife:
"25. urteurrenaren harira indarberrituta eta gogoz gaude, eta talde berriak batu zaizkigu"
Hormako izenei begira ari garela iritsi da Mikel Tife, Velozet taldeko abeslaria. Alonso baino urte batzuk gazteagoa da, eta beranduago sartu zen Psilocyben. Lif taldean jotzen zuten haren lehengusuek, eta haiek zeinen ondo pasatzen zuten ikusteak piztu zion musika talde bat izateko grina. "Lifen entsegu batean izan nintzen lehenengoz hemen, eta gogoratzen dut egun horretan hartu nuela nire lehenengo garagardoa". 2002an, OCT taldea sortu zuen lagun batzuekin, eta orduan egin zen elkarteko kide. Alonsok eta biek nostalgia puntu batekin gogoratzen dute garai hori: edaria erosi eta beste talde baten entseguak ikustera joaten ziren; edo entsegurik izan gabe ere lokaletara joaten ziren beste edonorekin elkartu eta musika sortzeko. Orain halakoak ezohikoagoak direla dio Alonsok. "Pena da: orain denok gara, orokorrean, indibidualistagoak. Baina ez hemen bakarrik, baita gizartean ere. Bizilaguna ere gero eta gutxiago agurtzen dugu".
2008ko mugarria: apustua handira
Entsegu lokalak atzean utzi, eta eraikinaren beste aldera itzuli gara. Han daude taberna, bulegoa, estudioa eta 200 lagun har ditzakeen arrosa koloreko aretoa. Ez da txikiegia, ez handiegia. "Neurrikoa" dio Tifek, nahikoa handia kontzertu jendetsu bat antolatzeko, eta nahikoa txikia publikoa gain-gainean sentitzeko. Aulki bana hartuta, bertan eseri gara elkartearentzat mugarria izan zen beste garai bati begira jartzeko. 1999an Saindua gaztetxean kontzertuak antolatzeko baimena galdu zuten, eta zenbait urtez, Hondarribian ez zen kontzertuak antolatzeko espaziorik izan. Hori ikusita, eta entsegu-gelen eraikinaren beste zatia hutsik geratu zela jakinda, Udalari proposamena egitea erabaki zuen elkarteak. Bertatik sortu zen eraikin guztia elkartearen esku utzi zuen proiektua, eta orduan hasi ziren gaur egun Psilocybenea denari forma ematen.
Entsegu-lokalekin hasi ziren, baina aspaldian irratia, estudioa eta kontzertu-aretoa ere baditu elkarteak (argazkiak: Dani Blanco).
2008an inauguratu zuten gaur egun bere horretan mantentzen den eraikina. Geroztik zientoka talde igaro dira Psilocybeneako aretotik: bertakoak zein nazioartekoak. Helmet estatubatuarrek emandako kontzertua da Alonsok gehien gogoratzen duena. Tiferi aldiz, Bob Log III orkestra-gizonak eskainitakoa datorkio gogora. Hainbat bazkiderentzat teknikari lanak egiten ikasteko plaza izan da aretoa, eta grabaketa estudioari ere zukua atera diote. Tiferen aurreko taldea zen Luz de Putas-ek, adibidez, bertan grabatu zuen euren diskoetako bat.
Baina aukera berriekin batera, ardura berriak ere etorri zitzaizkion elkarteari, antolatzeko modua goitik behera aldatzeraino. "Entsegu lokalak kudeatzea erraza da, baina barra, aretoa, estudioa… askoz ere lan gehiago da hori". Ardurak banatu eta lan-taldeak osatu zituzten, eta hala jarraitzen dute hamar urte geroago ere. Musika talde bakoitzak urtean 120 euroko kuota ordaintzen du, eta gastu oinarrizkoenei aurre egiten diete horrela. Badira, baita ere, gaur egun talderik ez duten arren bazkide badiren kideak, proiektua laguntzen jarraitu nahi dutelako.
Erreleboaren premia
Aretotik bertatik mugitu gabe jarraitu dugu solasaldia. Galdetu gabe aipatu digute: Psilocybeko beteranoen artean asko errepikatzen den gaia da erreleboa. Edo, bestela esanda, errelebo falta. Jende asko igaro da bertatik, eta urte askoan luzatuz gero, erre dezakeen lana dela aitortu du Tifek. Ziklikoa dela uste du, hala ere. "Orain, hogeita bosgarren urteurrenaren harira, adibidez, indarberrituta eta gogoz gaude, eta talde berriak batu zaizkigu gainera". Sumatu du publikoa gero eta zaharragoa dela, baina programatzen den musika motari egozten dio hori. Jatorriz rock musika taldeen elkarte gisa sortu zen Psilocybe, baina hogeita bost urteotan beste hainbat tankeratako musika taldeak igaro dira bertatik. Etorkizunean ere hala izan behar lukeela dio: "Trap musika gustuko duen jendea sartuko balitz, euren tankerako musika programatu ahal izango lukete, baina nik, nahiko banu ere, ezingo nuke. Ez ditut taldeak ezagutzen".
Ortzi Alonso:
"Pena da: orain denok gara indibidualistagoak. Baina ez hemen bakarrik, baita gizartean ere"
Alonso ez dator guztiz bat. Rocka bera nahikoa anitza izan daitekeela uste du, eta aretoak berak baduela musika mota jakin horrekin oso lotuta dagoen izaera propioa, salbuespenak salbuespen, mantentzen dena. Hala ere, are gehiago ireki nahi luke elkartea, "energia berria" behar baitute proiektuak bidea egiten jarrai dezan. Ondo ezagutzen ez duen arren, Gernikako Astran horretarako egiten ari diren prozesua eredugarria iruditzen zaio.
Ospatzeko, kontzertuak eta garagardoa
Urte osoa berezia izanda ere, abuztua hautatu dute urteurrenaren ospakizunetarako. Espero bezala, kontzertuak izango dira protagonista. Hori bai, elkartearen lana kalera atera nahi dutela-eta, ez dira Psilocybenean izango, Hondarribiko hainbat txokotan baizik. Alonsok eta Tifek, biek joko dute euren taldearekin egun handia izango den abuztuaren 25ean. Gernikako Arbola plazan izango dira Marmoka eta Velozet; Capsulak, Belakok eta Disco Bambinok lagunduta. Garagardo propioa ere egin dute urteurrenerako, Bidassoa Basque Brewery ekoizlearekin elkarlanean. Uztailaren amaieran aurkeztuko dute, eta ordutik aurrera mongiaz eta elkarteaz gain, garagardoa ere izango da Psilocybe.
Solasaldia amaituta, argazkien txanda da orain. Posatzea baino errazagoa delakoan, tokia erakusten jarraitu dute, eta eraman gaituzte backstage-a eta irratia den gela zirkularrera. Dozenaka talde eta beste horrenbeste anekdota ezagutu dituzten hormak Psilocyben programatutako kontzertuen kartelez josita daude, kolore arrosa deigarria estaliz. Ez legoke gehiagorentzako tokirik, ez balitz azken urte honetakoak sabaian jartzen hasi direlako. Hor bai, badago tokia. Gutxienez, beste 25 urterako. | news |
argia-c49b40ba0d78 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/lasaigarri.html | Lasaigarri | Jakoba Errekondo | 2018-07-29 00:00:00 | Lasaigarri
Lehen pasean soilik ikusten genituen, baina egun bizikide gero eta ugariagoak ditugun uso-tortoilen urruka eta urruma artean ari naiz. Belarrietako jolasa ezkien ( Tilia spp. ) azken loreen usainak janzten du. Ekaitzean, trumoi artean. Urtea gainbehera abiatu den seinale, eguna laburtzen ari da: ale honen datarako daborduko 46 minutu ilundua da.
Egunik laburrenak dakartza gogora sasoi beroen honek, eta ordurako biltegia hornitu behar. Bilketa eta jasotze garaia da. Gure etxean nabarmena da. Lagun flandriar bat etorri zaigu, eta erabat harrituta hor aritu da belar txorta bildu berriak miatzen: mendazuria, mendaurdina, inuntzia, peldoa, batana, ahamenta, astamenda, aizpatana, kukuso-belarra, ardi-bedarra, baxaranatzea, basa-menda edo mendaza ( Mentha x rotundifolia ), txortaloa ( Mentha pulegium ), berbena-belarra, berdana, berdan-belarra, izusta, ihitzi-belarra, irontzi-belarra edo inuntzi-belarra ( Verbena officinalis ) eta pasmo-belarra, izugeslia edo amorru-belarra ( Anagallis arvensis ). Belazeak lehortzen diren hurrengoan larranbiloa, larmina, lili-bitxia edo kamamila ( Matricaria chamomilla ) bildu beharko dugu. Udazkenera arteko lana izango da: bildu, lehortu eta jaso.
Ez gara aritu zaharrak lagun batentzako ezkia, ezkua, astigarratzea edo zariaren ( Tilia spp. ) loreak biltzen. Udaren hasiera dakar ezkiaren loreak, eta gure lagun horrentzat ez da usain hobea duen lorerik. Zuhaitz handiak dira ezkiak, eta, basoan bezala, kale eta parkeetako ezkidiek urrutira hedatzen dute bere urrina. Egun bero eta lehorretan urrin-laino horretan biltzen dira, ireki berritan. Ahal den azkarrena ondo lehortu eta jaso behar da. Horretarako ahalik eta ilunena den tokia erabili. Sare edo gaza baten gainean xabal-xabal eginda jarri eta lehortutakoan ondo itxitako ontzian jaso, urrinari ahalik eta luzeena euts diezaion.
Lasaigarria da ezkia; nerbioak lasaitzen eta arnas aparatuko gaixotasunak arintzen ditu. Lasaigarria da, baita ere, belarrak eta uztak etxeratuta izatea. Ospatzeko, dasta ezazu ezkiaren lorearekin egiten den perfumeren bat; ez zara damutuko, eta udaren hasieran izango zara egunero. | news |
argia-8edd71fd1b9c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/erpina-ia-ia-eskura.html | Erpina ia-ia eskura | I�aki Martinez De Luna | 2018-07-29 00:00:00 | Erpina ia-ia eskura
Bost mailako eskaileraren erpinera ailegatzea da euskarak egun duen erronka, maila horiek honakoak izanik: neutralizatzea, liluratzea, konbentzitzea, erakartzea eta aktibatzea.
Gure hizkuntzaren aurkako erasoak neutralizatzeko, ika-mika gatazkatsuetatik euskara atera eta arrazoibide ireki eta berrietara egin da jauzi, gure lurralde batzuetan. Euskararekin mesfidati eta kontra zeuden sektore ugari indargabetzera iritsi da, aldeko kontakizun berriak (errelatoa, diskurtsoa) zuhurtziaz eta burutsuki hedatuz. Estrategia horren eraginez, euskara inposatzen dela motako aurreiritziak eta bestelako uste errotu batzuk lurrunduz joan dira pixkanaka. Hizkuntzen ekologiak hizkuntza guztien defentsa legitimatu du, alde batetik, eta, bestetik, euskararen irudi inklusiboa aldi berean bultzatuz, gure hizkuntza herritar guztiona dela –ez soilik abertzaleena– pentsatzera igaro da nagusiki.
Hala ere, bada oraindik neutralizazioarekin jarraitu beharra, bai euskararen aldeko neurriak kritikatzen direlako bai aldarri xelebre batzuk (euskara ez da Nafarroako hizkuntza, adibidez) entzuten direlako.
Euskalduntze masiboaren ondorioz hizkuntzaren komunitatea gero eta sendoagoa –izango–da, baldin eta euskaraz dakitenak aktibatzen
badira
Maila bat gorago daude liluratu eta konbentzitu beharrekoak: euskararen inguruan duda-mudan dauden erdaldunak zein euskaldun epelak. Lilurak sentimendutan eta konbentzimenduak arrazoitan izaten dute oinarri eta, hortaz, usteak ez ezik norberaren bizipenak ere garrantzi handikoak dira. Ataza mota horretako ekimen paradigmatikoa Korrika da, baina, aisialdikoak izan edo kutsu hezitzaileko saioak izan (eusLiderrak, adibidez), gero eta ugariagoak dira helburu horiekin bultzatutako ekintzak.
Zenbat eta arrazoi/sentimendu mota gehiago metatu, hainbat eta handiagoak gizakien lilura eta konbentzimendua: euskara lanerako lagungarria eta, gainera, nire azukre-koskorraren hizkuntza! Ongi errotutako konbentzimenduak erraztuko du gizarte sektore berriak euskarara erakartzea: konbentzimenduaren poderioz euskaldundu da gaueskoletan helduen kopuru koxkorra, eta eskoletan gurasoen konbentzimenduz etxetik erdaldun petoak ziren ume andana.
Euskalduntze masiboaren ondorioz hizkuntzaren komunitatea gero eta sendoagoa –izango– da, baldin eta euskaraz dakitenak aktibatzen badira. Aspalditxo honetan ekimen mota ugari zuzendu da azken maila horretara: Kuadrillategi, Berbalagun, Euskarabentura, Euskaraldia...
Eskaileraren erpina ia-ia eskura dugu, baina ez lurralde guztietan eta lurralde bereko sektore sozial orotan. Hauxe da gakoa, mailez igotzen jarraituko badugu: egoera jakinen premiak eta mailakako ekimen estrategikoak ongi egokitzea. | news |
argia-2284533fbbde | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/tapiaren-datu-zoroak-ahtrentzat.html | Tapiaren datu zoroak AHTrentzat | Juan Mari Arregi | 2018-07-29 00:00:00 | Tapiaren datu zoroak AHTrentzat
Lakuako Gobernuak, bere kontseilari Arantza Tapiaren bidez, jarraitzen du tematuta Euskal Y-a erakitzeko, Europako Kontuen Auzitegiak bere bideragarritasuna oso zalantzan jarri duen arren, esanez "mosaiko ez eraginkorra" eta "iruzur ekonomikoa" dela. Ajuriaeneakoek jarraitu nahi dute zorakeria faraonikoarekin, kontuan izan gabe haren xahutze ekonomiko publikoa, ez politikoki ez herritarren artean sekula eztabaidatu gabea gainera.
Bere tesiak mantentzeko kalkulu "akatsak" errepikatzen dituzte kostu ekonomikoen edo bidaiarien inguruan. Ahaztu zaie esatea Supersur autobide garestiaren bidaiari aurreikuspena ere puztu egin zutela; halaxe ikusten dugu orain kasik trafikorik gabe. Ez die inporta herritarreneganako engainu horrek. Zertara dator orain Tapia, esanez AHTk zortzi milioi bidaiari izango dituela, Adif-ek 4,9 milioi aurreikusten dituenean? Europako Kontu Auzitegiak beharrezko ikusten dituen bederatzi milioietatik oso urrun daude. Nondik ateratzen du Euskal Y-aren egiazko kostua kilometro bakoitzeko 27,4 milioi euro izango direla, aditu independenteek 40 milioi izan litezkeela diotenean?
Herritarrei adarra jotzen ari direla dirudi, kostu ekonomikoa euren poltsikotik ordainduko baita. Hori bai, zementu enpresak eta konstruktorak oso pozik daude, euren negozioarekin segi dezaketelako. Eta obrak amaitzen direnean (inoiz amaituko al dira?), Urkullu, Tapia eta gainerakoak auskalo non egongo diren eta zeinek eskatuko dizkien erantzukizunak euren kalkulu "akatsengatik". Lotsagarria! Herri mobilizazio handi batek baino ez du hau geldituko, Lemoizko munstro nuklearra geldiarazi zuena bezalakoa. Zorakeria gelditu behar baita, odoluste ekonomiko publikoak ez dezan segi. | news |
argia-023a65fa5b46 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/gure-askatasun-preziatu-hori.html | Gure askatasun preziatu hori | Ane Ablanedo Larrion | 2018-07-29 00:00:00 | Gure askatasun preziatu hori
Heziketa libreari buruz eskaintzen ditudan ikastaroetan, askatasunarekin harreman gatazkatsua dugula frogatu ahal izaten dut. Kontzeptuak sortzen duen lilura egiten zait bereziki azpimarratzekoa, libre izatetik zein urrun gauden garbi erakusten duelako. Izan ere, miretsiko ote genuke askatasuna, benetan gure errealitatearen parte balitz? Ez, bistan denez. Ez litzateke utopia, geure baizik. Bizitzeko gure politikaren ardatza, munduan egoteko gure modu naturala. Hortik oso urrun gaude, eta askatasuna idealizatu egin dugu, nola ez. Sakon sakonean gauza ona dela sentitzen dugun arren, ez dakigulako zehazki zer den.
Jende askok, oraindik, nahi dugun guztia egitearekin identifikatzen du aske izatea, dena posible den paradisu moduko errealitate batekin, mugarik eta ondoriorik onartzen ez duen lurraldearen irudiarekin. Askatasunaren nire bertsioa ez da hain espektakularra, eta eskasa irudituko zaie, segur, mugagabetasunaren kimerarekin amets egiten duten horiei. Prozedura xumean datza, errealitate –beti mugatu– batek eskaintzen duen aukera mordotik hautu kontzientea egitean, behar eta desioekiko koherentzia ahalik eta handienean, mugak zein eta non diren ongi hautemanik, aukera egitean galtzen eta irabazten dugunaren jakitun, "bestea"-ren bariablea ere aintzat hartuta, noski.
Kontu ez deusa eman dezakeen arren, nork bere bizitza propioa eraikitzeko adreilua dago erabaki horietako bakoitzean. Baliatzen ditugun neurrian bilakatzen baikara geure bizitzaren "autore", geure "autori"-tate, geure buruaren jabeago eta gidariago. Eta horregatik, askatasunaren konkistan egin ahal dugun keinua tikia baina biziki esanguratsua da.
Askatasuna muga eta ondorioaren existentziarekin bateragarria ez dela pentsatzea zinez kaltegarria da, ustez erabatekoa beharko lukeen askatasun hori ez delako noski sekula iristen, eta gure errealitatean gatibu sentitu beharraren nolabaiteko kondena ezartzen baitzaigu, ezinbestean
Askatasuna muga eta ondorioaren existentziarekin bateragarria ez dela pentsatzea zinez kaltegarria da, ustez erabatekoa beharko lukeen askatasun hori ez delako noski sekula iristen, eta gure errealitatean gatibu sentitu beharraren nolabaiteko kondena ezartzen baitzaigu, ezinbestean. Egia da errealitate hertsiegian bizi garela, eta gure ekintzengatik pairatu beharreko ondorioek gero eta zigorraren antz handiagoa dutela. Eta ulergarria da, horregatik, bi kontzeptu horiek negatibotasun kutsua izatea guretzat, eta haurrei mugak ez jartzeko heldu askok darabilten arrazoi nagusia izatea. Ulergarria da, baina ez sanoa.
Askatasunari buruzko uste ustel hori dago haurrak askatasunean heztea zer den –eta zer ez– ongi ulertzeko heldu askok duten arazoaren oinarrian, baita mugarekiko oro har dugun harreman disfuntzionala ere. Izan ere, geure izatea ukatzen dutenak dira askatasunaren kontrako muga garbi bakarrak. Gu geu izatea eragozten digutenak, gure nortasuna modelatzeko helburuarekin ezartzen zaizkigunak. Horiexek dira gure errealitatean gainditu beharrekoak. Ausardiaz, adorez, baita batzuetan, zergatik ez, transgresioz eta arauaren kontra joanik ere, jakina. Gainerakoek, gure mundua zedarritzen duten koordenada-mapa gisakoa osatzen dute, ongi bizitzeko behar beharrezkoak direnak.
Gizateriaren erronka nagusi guztiak bezala, haurtzaroa zaintzeko beste kultura batean jokatzen da askatasunaren hau ere. Paradigma direktiboa errotik erauzi behar dugu, gorago aipatu muga instruktiboak dituelako tresna nagusi, eta duintasunaren kontrakoa den manipulazioan –agerikoa edo kamuflatua– oinarritzen delako. Haurrak ere gai dira, eta eskubidea dute, askatasunez beren bizitza hautatzeko eta egiteko. Errespeta dezagun adinaren arabera tipiagoa ala handiagoa izanen zaien beren erabakimen librearen esparrua. Baina ez ditzagun mugak ahantz. Horretan datza askatasunaren printzipioa. | news |
argia-889b4e1d61b1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/sahara-a-feira.html | Sahara "a feira" | June Fern�ndez | 2018-07-29 00:00:00 | Sahara "a feira"
Urtero, uztailaren lehen astean, nire amama eta aititek Barakaldotik Galiziarako bidaia egiten dute, euren jaioterrian, Boiron, udapasa egiteko. Lehenengo afaria beti berdina da: olagarroa a feira eran. Barakaldon A nosa terra tabernaren aurrean bizi dira, galegoa euskara baino maizago entzuten den auzo batean. Hala ere, olagarroa Boirorako edota ospakizun oso berezietarako erreserbatzen dute. Erritual bat da.
Amak aitite pulpo a feria jaten ari dela ateratako argazkia bidali zidan egun berean, olagarroaren jatorriari buruzko erreportaje bat ikusi nuen telebistan. Ba al dakizue nondik datorren jatetxeetan eskaintzen duten olagarro gehiena? Mendebaldeko Saharatik eta Mauritaniatik.
Dakhlaneko kalak Marokoko kostaldeko aberatsenak dira: esportatutako arrainaren %84 arrantzatzen dute, Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera. Bitartean, kanpamentu sahararretan bizi baldintzak larriak dira. Ez dute ur-horniketarik eta euren kostaldean arrantza egitea debekatuta dute
Ez nau harritzen supermerkatuetan saltzen duten olagarroa Hegoaldeko herrietatik inportatzen dugula jakiteak, baina erreportajean Ourenseko azoka oso ospetsu batera jotzen dute eta saltzaileek argi uzten dute aspaldi ez dutela tokiko olagarrorik saltzen. Europan produktu preziatu horren eskaera izugarri hazi da azken urteotan. Galizia oraindik ere erreferentzia da, baina egun inportatutako animaliak jasotzea, prozesatzea, poteratzea eta atzerrira esportatzea da bere zeregina. Ba al daki nire aititek argazkian irrikaz dastatzen ari den janari hori bere auzoko Eroskin erosiko lukeena bezain arrotza dela?
Dokumentala Mendebaldeko Saharan egina da, horrek esan nahi du Marokok lurralde okupatuetan legez kanpo egiten duen espoliazioa elikatzen ari garela. Dakhlaneko kalak Marokoko kostaldeko aberatsenak dira: esportatutako arrainaren %84 arrantzatzen dute , Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera. Bitartean, kanpamentu sahararretan bizi baldintzak larriak dira. Ez dute ur-horniketarik eta euren kostaldean arrantza egitea debekatuta dute. Erreportajean, kazetariak hori kontatzen ari direla, Marokoko polizia agertzen da eta aireportura itzultzera behartzen dituzte; deportatuak izango dira bidegabekeria horren berri emateagatik.
Bi ondorio barrundatzen ditut: 1. Israelekin bezala, Marokoko produktuei boikota egiten saiatu behar dut. 2. Sasoiko produktuak jatea kolonialismoaren aurkako erresistentzia forma da. Kontsumo kultura honek gustuko duguna edozein momentuan eta edozein lekutan lortzera ohitzen gaitu. Mangoak, papaiak, marakuiak. Ba al zenekien kinoa modan jartzearen ondorioz , produktu horren prezioa igo dela eta Andeetako biztanle askok ezin dutela euren oinarrizko elikagaia ordaindu? Elikadura burujabetzaren alde eguneroko keinu ugari egin ditzakegu. Nik aurten bete dudan asmo ona, sasoiz kanpo tomaterik ez erostea eta kontsumo taldeko otzaran jaso arte itxarotea izan da. Merezi izan du.
Nire amama neska txikia zen bere herrixkako itsasertzean olagarro bat topatu zuen egun ahaztezin hartan. Korrika joan zen saskian kargatzera, bere amari sorpresa emateko irrikan. Auzoko gizon bat ziria sartzen saiatu zen, garro pare bat lapurtzeko asmoarekin: "Bigun egon dadin, kapatu behar duzu, barruko garroak moztuz". Nire amamak ez zuen sinetsi eta irmo erantzun zion: "Alde egin edo oihuka hasiko naiz". Amamaren pasadizo kutunena da hori.
Erreportajea abisu triste batekin bukatu da: Sahara eta Mauritaniako olagarroak ere agortzen ari dira. Laster animali mitologiko hauek arrain-haztegietan jaio eta biziko dira. | news |
argia-91e73f20bb55 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/zer-izan-da-eta.html | ETAren muina eta mina: 60 urteko historia konplexua | Mikel Asurmendi | 2018-07-29 00:00:00 | ETAren muina eta mina: 60 urteko historia konplexua
Aurtengo maiatzaren 3an argitaratu zuen ETAk bere azken komunikatua. 60 urteko existentziaren azken hitzak izan ziren. Francisco Franco jenerala 1936ko Gerra Zibiletik garaile jalgi eta handik hogei urtera jaio zen euskal erakunde armatua. Bere sorrera garaia urrun geratu zaigu, aski urrun ere frankismoa, baita egungo demokrazia garaira iristeko erabakigarria izan zen trantsizioa ere. ETAri buruz erruz idatzi da, haren aldekoek, haren arerioek, baita ETAk berak ere. Eta etorkizunean are gehiago idaztea beharrezkoa izanen da, gatazkak eragindako minak sendatuko badira. ETAk galdera eta gogoeta anitz sorrarazi digu bere izateaz. ETA gizarte fenomeno konplexua izan da, belaunaldiz belaunaldi garatuz eta eraldatuz joan dena. Gatazkaren errelato garaian gaude. ETA izan zena eta bere historiari buruzko kontakizuna biltzeko, ehunka prentsa artikulu, hamaika liburu edota dokumental andana beharrezkoak izanen dira. XX. mendeko Euskal Herria ulertzeko ETA ezagutzea ezinbestekoa da. Bere izateari buruzko kontakizuna XXI. mende honetan luzatuko da. "Zer izan da ETA?" galdetu diegu ondorengo hiru solaskideri. Gogotik mintzatu dira. ETAren ibilbide osoaren gaineko hainbat pasarte esanguratsu ekarri dugu LARRUN honetara.
Mintza gaitezen ETAren sorreraren garaiaz eta arrazoiaz. ETA nola ulertu zenuten azaldu ezazue.
Jose Felix Azurmendi : ETAren sorrera ofiziala 1960an ipini dute orain. Baina, lehen etakideek Jose Antonio Agirre lehendakariari bidali zioten gutun bat ere badago, sorrera adierazi zuena, 1958-1959 urteetan idatzia. ETAren espiritua orduan hasi zela ernatzen esan du Berria-n, orduko etakide Iñaki Larramendik. Baina, ETA hark eta hurrengo hamarkadakoek zer ikusia dute? Nire ustez, ETA Txabi Etxebarrietaren hilketarekin jaio zen benetan. Gero, zatiketa asko egon zen. ETAren gakoetako bat mili eta poli-mili -en arteko haustura da.
Joxemari Olarra: Nik Rafa Albisuri [Mikel Antza etakidearen aita] eta Txillardegiri [Jose Luis Alvarez Enparantza] galdetu nien eta ez ziren ados jartzen. Txillardegik 1967z geroko ETAz hitz egiten zuen batez ere. Mikel Etxeberria Makaguen -ek ETA 1968an jaio zela zioen. Baina ordurako hainbat ETA izan ziren.
Jose Felix Azurmendi:
ETA erakunde nerabea izan da belaunaldiz belaunaldi, eta nerabeek beti pentsatzen dute aurrekoek gaizki egin dutela eta haiek ongi egingo dutela eta azken urteetan hori izugarria izan da"
Koro Garmendia: Demagun 1958-60 artean jaio zela. Niretzat hauxe da gakoa: ETA frankismoan sortu zen. Espainiako Gerra Zibila bukatu eta hogei urtera aldaketarik ez zegoen nazioartean, zapalkuntza ekonomikoa eta politikoa erabatekoa zen, eskubide nazionalak eta zibilak deuseztatuta zeuden. Francok luzez iraungo zuela ikusirik, gerra ezagutu ez zuen belaunaldi batek mugimendu berri bat sortu zuen. Gazte haiek mundua FLN [ Frente de Liberacíón Nacional ] delakoez beteta zegoela uste zuten. Vietnam eta Aljeriako gerrilla iraultzaileen olatuak zeuden. Europan ez zegoen giro iraultzailerik, baina 68ko Maiatza gertatu zen Parisen. Zirkunstantzia batzuk izan ziren: mundu berria, erreferentzia berriak, gazteri berria... Elizarik gabeko mundua. "Magma" hartan sortu zen ETA. Etxebarrieta eta Manzanasen hilketak mugarriak izan ziren, baina 1958ko mugimendua egonkortu gabe ez zen etorriko gerokoa.
J. F. Azurmendi: "Elizarik gabeko mundua" diozu, baina Elizak eragin oso inportantea izan zuen ETAren sorreran. Bizkaiko Jose Mari Benito del Valle eta Jose Manu Agirre etakideak San Anton elizaren inguruan mugitzen ziren. Eneko Irigarai eta Txillardegi donostiarrak laikoagoak ziren. Irigaraik "orduan marxista nintzen", dio orain, eta ez nago ados. Zer marxista klase? ETAren soslaia eta sortzaileak ongi definitzea zaila da, historia zalantzaz beterik dago. Zalantza horiek ETA izan denaz iritzi objektiboa izatea zailtzen dute, fenomeno konplexua izan da. Sortzaileak, nire ustez, burgesak –eta ez txikiak denak– eta intelektualak ziren.
J. M. Olarra: Zehazpenak zehazpen, bat nator. Txillardegi euskaltzalea zen batez ere. Etakide denen aldetik ikaragarrizko boluntarismoa eta nolabaiteko erromantizismoa zegoen. Espainiak zeharo harrapatuta zeukan Euskal Herria, eta horrek hil ala biziko erantzuna ematera behartu zuen herri hau. Horregatik sortu zen ETA.
"ETAk ez zuen jaio izan behar". Zein da maxima horri buruzko zuen iritzia?
J. M. Olarra: Ez zela jaio behar! Bai zera. Ni 17 urterekin sartu nintzen ETAn. Iparraldera ihesi joan nintzen gero. Lehenago atxilotua eta tortura izan nintzen, sei hilabetez ohean egon nintzen, guardia zibilaren "zaintza pean". Burgosko prozesu garaia zen, eztanda eta esnatze une ikaragarria izan zen. Nik aita Luziano apaiza izan nuen irakasle, gerra garaian kristorenak pasatakoa. Ikurrina zer zen eta nola egin erakutsi zidan. ETAn hala sartu nintzen, adin horretan ez genuen gehiegi pentsatzen.
J. F. Azurmendi: Fraile eta apaizek parte-hartze handia izan zuten 1936ko gerra erresistentzian. Ni 1964n ETAko liberatua nintzen, lehen liberatuak izan ginen. Xabier Elosegi Pataki tolosarrak Eibar, Elgoibar, Arrasate, Ondarroa eta Durango ingurune –bigarren herrialde deitzen zena–abertzalea ezagutarazi zidan. Hara joan eta lehenbiziko kontaktua apaiza izan nuen. Ordurako Juan Jose Etxabe bazebilen, gero Peixoto [Jose Manuel Pagoaga] eta Txomin Iturbe heldu ziren. Baina, lehen erresistentzia intelektuala, garrantzitsua nolabait, apaizak izan ziren.
K. Garmendia: Mintzakide hauek ez bezala, ni ez nintzen ETAn sartu. Ziur aski ez zelako hala suertatu. Jende asko kasualitatez sartzen zen ETAn. "Lagundu iezadazu enkargu bat egiten...", baita egin ere. ETAkoa izatea hori ere bazen. "ETAk ez zuen jaio izan behar" horrekin ados nago. ETA ez zen klimaren arabera jaio, batzuek erabakiak hartu zituzten, armak erabil zitezkeen edo ez. Baietz erabaki zuten. ETAren historian armak uzteko aukerak izan dira, baina aldian-aldian batzuek erabaki zuten jarraitzea. Herria harrapatuta zegoela? Bai. Baina ETA jaio zen erabaki baten ondorioz, baita jarraitu ere.
K. Garmendia:
ETAren historian armak uzteko aukerak izan dira, baina aldian-aldian batzuek erabaki zuten jarraitzea. Herria harrapatuta zegoela? Bai. Baina ETA jaio zen erabaki baten ondorioz, baita jarraitu ere"
J. F. Azurmendi: ETAk hartu zuen bidea kezka zen erbesteko Eusko Jaurlaritzan. Anabasa handia zen. Herriko parte esanguratsua ETAren inguruan zebilen. Jaurlaritzak bazekien ez zela euren gerra eta irabazteko gutxi zutela. Jesus Maria Leizaola lehendakariak adierazi zuen hori publikoki. "ETAk ez zuen jaio izan behar", esaera Iñigo Urkullu lehendakariak esan du berriki, eta, nire iritziz, sinplekeria da. Inork ez zuen "ETA sortuko al dugu?" edo "guda armatua bai edo ez?" planteatu. Sortzaileek ez zuten sekula tiro bakar bat bota. Tiroak botatzen hasi zirenak damutu ziren bi urtera: Jose Mari Eskubi, Mikel Azurmendi eta Txato Agirre... Jose Luis Zalbide Euskadiko Ezkerran sartu zen trantsizio garaian. Makaguen-en kasua ezberdina da, ez zen sekula damutu. Hona beste klabe bat, Mario Onaindiak "nik ez nekien nor zen Julen Madariaga", idatzi zuen. Arraioa! Madariaga funtsezko pertsona izan zen ETAn. ETAn sartu eta handik bi urtera Mariok ez zekin nor zen Julen! ETAko militanteen ibilera berezia izan da. Etxebarrietak bi urteko militantzia baino ez zuen izan, hala ere, pentsa Txabi nor izan den ETAren historian. Transmisioaren falta begi-bistakoa izan da ETAren ibilbidean.
J. M. Olarra: "ETA jaio behar zen edo ez" delakoari taxuz erantzunez gero, bihar Espainiako Auzitegi Nazionaletik deia jasoko dut eta etzi ziega batean egongo naiz. Abokatuak abisatuta nago: "Kontuz zer esaten duzun!". Une hau oso arriskutsua da. Denok ez dugu hitz egiteko askatasun bera. Gatazka errelatoen garaian gaude. Estatuak trofeoak behar ditu, horrek markatzen ditu oraingo egoera eta gerokoa. Estatua tinko ari da berak ezarritako markotik ez ateratzeko.
K. Garmendia: ETA jaio izan ez balitz hobe denentzat. Frankismoan justifikatua izan zela? Bai. Askok ospatu genuen Carrero Blancoren hilketa, baita abertzale ez zen askok ere. Baina ETAren garaia oso luze joan zen, luzeegi, gauzak ez ziren gertatu, egin genituen... Erantzukizuna handia da. Zer gertatu zitzaigun baino, zer egin genuen aztertu behar dugu: batzuek gehiago egin zuten, beste batzuek gutxiago, bestetzuk isil geratu ziren, baina gehiegikeria askoren aurrean ez genuen behar adina kontra egin.
J. M. Olarra: Oro har onar dezaket diozuna, baina horri esker herri hau bizi da. Sustraiak hor daude. ETAren sorrera uztartzen da herriarekin, herriak bere babesa eman ziolako... [Azurmendi: zati batek, ezta?]. Ados, herriaren zati batek.
ETA belaunaldi fenomenoa izan zen. Batzuk sartu eta batzuk atera, erakundea aldatzen joan zen.
J. F. Azurmendi: Oso inportantea da hori azpimarratzea. Adibidez, Gerry Adams eta Martin McGuinness IRAn hasieran eta bukaeran zeuden. IRAren bigarren aldiaz ari naiz. Iñaki Sotoren ETAren Zuzendaritzarekin azken elkarrizketa (Gernikatik Arnagara) liburuan, erantzuteko moduarengatik, argi geratzen da: azken zuzendaritzak ez du ETAren historia osoa bizi. Atentatu askori buruz zerbait entzun dute, baina ez dute dena ezagutzen eta normala da. Zenbat aldiz atxilo zuten ETAren zuzendaritza historian? Behin eta berriz. Ez zen belaunaldi transmisio egokia izan, ez hasieran eta ez amaieran. Hor dago luzatzearen esplikazioa. ETA erakunde nerabea izan da, eta nerabeek beti pentsatzen dute aurrekoek gaizki egin dutela, haiek hobe egingo dutela. Hori izugarria izan da. Azken urteetako erreferente egonkor bakarra Jose Antonio Urrutikoetxea izan da, baina, une berezian sartu zen ETAn. Julen Madariaga da hasierako etakide esanguratsua, baina amaieran kanporatuta zegoen. Peixoto kanporatua ez, baina larri zauritu zuten eta itsu geratu zen. Transmisioaren gabeziak hutsuneak ekarri ditu, berriek aurrekoak aintzat ez hartzeak ETAren bilakaera eta amaiera egokiago bat eragotzi du.
ETAren historian une mugarriak izan dira: Etxebarrieta, Manzanas eta Carrero Blancoren hilketak, Burgosko auzia tartean...
K. Garmendia: Carrerorena asko eztabaidatu zen. Carrerok jarraitu izan balu trantsizioa berdina izango al zen? Hilketak erregimenaren jarraipena oztopatu zuela diote batzuek, Franco hil zen, baina frankistek ez zuten boterea hilabete batez utzi, Adolfo Suarezek hartu baitzuen gobernuaren gidaritza. Carrerorena ez zen batzuek dioten bezain eraginkorra izan. Niretzat, 1979ko hauteskundeetan gertatu zena izugarria izan zen, ustekabe eraginkorra. Unibertsitatean nengoen eta uste nuen mundu guztiak nik bezala pentsatzen zuela. Alkandora urdina jantzita ezagutu genuen Suarez [Mugimenduko idazkari nagusia] Estatuan nagusitu zen, UCD alderdiaren bitartez. Euskal Herrian berriz, alderdi askoren artean, EAJ eta PSOE atera ziren garaile. Une gogorra bizi izan nuen: "Gauzak ez dira zuk uste edo nahi zenuen bezala", pentsatu nuen. Gu herriaren izenean eta haren alde ari ginen, baina herriak hitz egin zuenean, ez zuen guk pentsatzen genuen bezala bozkatu. Garai hartan alderdi politiko batean sartzeko "ikastaro bat" egin behar zen. Hala ere, nire ingurukoak ez bezala, ez nintzen EIAn (Euskal Iraultzarako Alderdia) sartu. EIAk "Euskadi Iraultzarako klase-marko autonomoa da", zioen. Niri ez zitzaidan gaizki iruditzen, baina laster utzi nion horri sinesteari. "Lan harremanetarako marko autonomoa izan zitekeela? Bai. Baina iraultzarako ez". Ez nintzen EIAn sartu, ez zen zintzoa. EIAren inguruan geratu nintzen, hala ere.
J. F. Azurmendi: Manuel Irujok –orduko ETA eta EAJz jakiteko Irujo irakurri behar da– garrantzia handia eman zion Carrero Blancok erregimenean zeukan eraginari, eta ez zuen gaizki ikusi haren hilketa. Jose Ramon Recalde bera ere [ETAk tirokatu zuena] poztu zen "botatzea"-rekin. Carrerorenak garrantzia handia izan zuen ETAren geroan. Atentatuak ETA munduan jarri zuen. ETAren bilakaera eta Portugalen izan zen Udaberriko Iraultza –batez ere poli-mili-en bilakaera– lotu izan ditut nik. ETAko batzuk Lisboara joan ziren eta hango giro iraultzailearekin bat egin zuten. Horrek eragin zuen geroko ETAn.
Carrerorena gertatu zenean Venezuelan nengoen, unibertsitatean. Ni aurreko belaunaldikoa izanda, ordura arte ETA zer zen ikusirik, nik ez nuen espero Carrerorena. Le Monde egunkariko marrazkilari espainolak honela kontatu zuen: "Al salir de la santa misa es cuando le dieron la ostia" . Etakideek Hego Ameriketako ezker aldeko gerrillero -en artean ospe izugarria hartu zuten. Eneko Irigaraik dioenez, jende asko joan zen Aljeriara entrenatzera, baita arabiar estatu batzuetara ere, mili- ak nahiz poli-mili-ak. Carrerorena izan arte ETA ez zen kanpoan ezagutzen, orduan eman zen aldaketa. Juan Mari Bandres eta Teo Uriartek IRAko kongresuetan parte hartu zuten. Nazioarteko harremanak oso garrantzitsuak izan ziren poli-mili-entzat.
Frankismoaren ondoren trantsizioa etorri zen eta beranduago Tejerazoa –1981eko otsailaren 23an– gertatu zen.
K. Garmendia: Tejeroren [Guardia Zibileko teniente-koronela] estatu kolpea delakoa espero zitekeen, ETAk 180 pertsona inguru hil zituen bi urtetan. Espainiako Estatua berritzen ari zen, ETAk –mili-ek bereziki– hori eragotzi nahi zuen. Eusko Jaurlaritzaren lehenengo legealdian, Carlos Garaikoetxea lehendakaria zela, ETA diktaduraren aurka egitetik EAEren egituratzea oztopatzera pasa zen. Aldaketa kualitatiboa eman zen. "EAEko proiektua gure helburuen kontra doa", pentsatu zuen ETAk. ETAk ez zuen jakin Franco hil aurretik izan zuen sostenguari neurria hartzen. Beste mugarri bat da hori.
J. M. Olarra:
Une hau oso arriskutsua da. Gerraren errelatoen garaian gaude. Estatuak trofeoak behar ditu, horrek markatzen ditu oraingo egoera eta gerokoa. Estatua tinko ari da berak ezarritako markotik ez ateratzeko
J. M. Olarra: Hala izanik edo ez, horiek guztiak bere testuinguruan eta garaian ulertu behar dira. Trantsizioan "erreforma" edo "haustura" aukerak zeuden. Alde bakoitzak bere proiektua garatu zuen. ETAk erabaki zuen erreforma oztopatzea, eta bere proiektua hausturaren bitartez gauzatzea. ETAk "proiektu guztiak gauzatzeko aukerak izan behar dugu denok, bestela ez da demokraziarik izango", zioen. Independentzia nahi zuen, baina ez bakarrik nahi, "garatzeko aukera ere behar zela", zioen, Espainiako Estatuarekin mahai batean eseri eta hori aintzat hartua izan zedin. 1979-80. urteetan ETAk 200 ekintza inguru egin zituen, garai oso gogorra izan zen.
J. F. Azurmendi: Ideologikoki bi zehazpen, bat: Peixoto -k esan berri duenez, Gernikako Estatutua Nafarroarekin batera garatu izan balitz, eurek guda armatua baztertuko zuten. Nik dudak ditut, baina Peixoto bazen norbait, mili-en artean behintzat. Bi: atentatu gehienak Madrilen izan ziren. Graduazio altuko militarrak, "ekintza garbiak", kakotxen artean idatzi badaezpada, dozenaka, ikaragarriak. Orduan hasi zen Tejerazoa sumatzen. "ETAk ez zuen hura bilatu" esan zidan orduko etakide batek. Baina, zer nahi izan zuen ETAk? Estatu kolpea eragin nahi zuen, bai ala ez? Erantzunak ez dira errazak. ETAn zeudenek argudiatzen zuten haiek Estatuan benetan nork agintzen zuen agerrarazi nahi zutela. Estatuaren erantzuna ezagutzen genuen: errepresioa. Herrian zer zegoen? Beldurra. Egun, une haietan gertatu zena eztabaidatzea garrantzitsua da ETAren historia ezagutzeko.
K. Garmendia: ETA goi-mailako erakundeekin alderatzen hasi zen, baina inprobisazio asko zegoen. Ez dakit zer pasatuko zen Nafarroa Gernikako Estatutu barruan egon izan balitz, baina erreformaren aurrean haustura izan zen ETAk aukeratu zuen bidea. Ni Euskadiko Ezkerrako militantea nintzen eta hauxe zen galdera: "Abiatzeko nahikoa al da? Bai edo ez?". Abertzaletasunaren barruan, EAJk eta EEk –PSErekin batera gero– nahikoa zela pentsatu zuten. PP ez zegoen Estatutuaren alde, ez dezagun ahaztu. Hau ere gogoratu behar da: ETAk erabaki zuen hiltzen jarraitzea haustura eragiteko. Hausturarik handiena hori izan zen. Eta egun zer geratu da batez ere? Eragindako sufrimendua.
Tejerazoa hizpide: ETAk Estatua kolokan jarri zuen, baina Estatua indartua atera zen, hamarkadaz hamarkada indartuz joan zen, eta gero "dena da ETA" delakoa etorri zen, makro sumarioak, eta beste. Ziur aski, agian, Estatuaren jarduerari beste modu batera aurre egin izan balitzaio, hobe, baina gizartea gogaituta zegoen. Niretzat askoz eraginkorra izan da Kataluniako prozesua ETA baino. Kataluniako prozesuak Espainiako Estatuaren zutabeak mugitu ditu armak erabili gabe. Zer pena ETAk bide hura hartu ez izana. Espainiako ezkerrak eta aurrerazaleek Egin eta Egunkaria itzi zituztenean, ez zuten deus esan. Estatua indartuago atera zen.
Joxemariren Olarraren txanda da. Zer diozu ezker abertzalearen eta ETAren bilakaeraz?
J. M. Olarra: Lizarra-Garaziko Akordioaren ondotik borroka armatua aldatu egin zen. Nik onartzen dut, gizartearen babesa, gizarte horren zati baten babesa edota laguntza aldatu zen, ez bakarrik borroka armatuak eragiten zituen ondorioak, borroka ideologikoak sorrarazten zituen ondorioak baizik. Hau da, ezker abertzalearen eta Estatuaren arteko borroka, baita tresnen nolakotasuna ere aztertu behar izan dira beti. ETAk 60 urteetan Euskal Herriko politika baldintzatu du neurri batean, eta Estatuarena ere bai. Batzuek "txarrerako" eta beste batzuek "onerako" izan dela diote. Eztabaidagai da hori ere. Kataluniakoa aipatu du Korok, ados. Baina hori gertatu da ETA amaitu ondoren, testuinguru berri batean. Borroka armatuak, une batez, 1980ko hasieran, Estatua paretaren kontra jarri zuen. Ez dut esaten borroka armatuaren bidez irabazteko aukera zegoela, hitz erridikulu horiek ez ditut esango, baina politika eta gure bizitza baldintzatu zituen, eta "ekintza garbiek" –Jose Felixek esan bezala, ondo ulertu dadin– ez zuten kontraesanik sortu. Orokorrean bazegoen ados ez zegoen jendea, bestaldera begiratzen zuena: "Zerbait egingo zuen", zen leloa. Une hartan izugarrizko indarra eta eragina izan zuen ETAk. Errelatoaren borrokan gauden garai honetan, badirudi herri honen azken urteetako egoera ahaztu dugula. Adibidez, garai batean, etakide bat hiltzen zutenean, greba orokorra izaten zen, nazio, eskualde edo herri mailan. Hori zer izan zen? Konstatazio bat da, ez nire iritzia. Parean zeudenen aldeko greba orokorrak ez ditugu ezagutu. Hori ere errelatoan sartu behar da.
K. Garmendia: Grebak egiten zirela, ados. Baina egia da ere Miguel-Angel Blanco hil aurretiko orduetan egin ziren manifestazioak ikaragarriak izan zirela. ETAren aurkako mobilizazioak oso handiak izan dira. Sostengua neurtzeko sistema zein izan behar da? Bada, niretzat, hauteskundeak. Hauteskundez hauteskunde ezker abertzalearen aldeko sostengua gutxituz joan zen. Badakit ezker abertzaleari botoa ematen zion jende guztia ez zegoela ETAren alde, eta poztu izan naiz, nahiz eta ezker abertzaleak ETA sostengatu. Blancoren hilketa baino ia hogei urte lehenago, ETAk Jose Maria Ryan bahitu eta hil zuen [Lemoizko ingeniaria nagusia], jende pila atera zen kalera. Sostengu hura kuestionatu beharra zegoen, baina ez zen behar beste argudiatu. Biktimen izaera aldatuz joan zen.
Lemoizko Zentral Nuklearraren kontrako borrokan, bakoitzak bere arrazoiak argudiatu zituen. Ekologistak ez ziren kontent izan.
J. F. Azurmendi: Bai, baina kontraesanak kontraesan, ETAk jarrai zezan sostengua handia zeukan gizartean. Dena den, ETAn zeudenek ikusi zuten sostengua aldatzen hasi zela. Hau da, ordura arte komandoak modu "erraz" batez mugitu ziren eta harrezkero ez.
K. Garmendia: Ez zuen merezi izan jarraitzeak, besteak beste, ETAk ekologisten borroka kutsatu zuelako. Jarraitzeko sostengu nahikoa zuela? Berdin da, ETA arazo bihurtu zen.
J. F. Azurmendi:
Joxemarik esan du denok ez dugula hitz egiteko askatasun bera. Ados, baina ETA ere horretaz aprobetxatu da, egin duena justifikatzeko eta zenbait 'erantzun' eman ordez, isiltzeko. Gero 'sufrimenduaren sozializazioa' etorri zen"
J. F. Azurmendi: Joxemarik esan du lehenago, denok ez dugula hitz egiteko askatasun bera. Ados, baina ETA ere horretaz aprobetxatu da, egin duena justifikatzeko eta zenbait "erantzun" eman ordez, isiltzeko. Gero, "sufrimenduaren sozializazioa" etorri zen. Ikaragarria.
Hori esanda, "biktima guztiak berdinak dira" esaldia gezurra da. Adibidez, hona Uruguaiko Pepe Mujica presidente ohiaren koinatuak baserritar baten hilketaz esana: "Baserritarrak ikusi zituen [tupamaroen] armategi batzuk eta atxilotu zuten". Eztabaida sortu zen: "Zer egingo dugu?". Pozoiturik hil zuten. Koinatuak dionez, "hura asesinatoa izan zen" eta gehitzen du: "FBIko agente bat tokiko poliziari torturatzeko teknikak erakustera etorri zen eta hura ere hil zuten. Hori exekuzioa izan zen". Erakunde armatu batek ekintza batzuk logika horren barruan sartzen ditu, baina badira ere logika horretan sartzen ez direnak. ETAk bietakoak egin ditu. Orain, errelatoaren garaian "hauek ondo eta horiek txarto zeuden" esango al du ETAk? Oso zaila da errelatoa behar bezala idaztea.
J. M. Olarra: Berriz diot: borroka armatua testuinguruaren arabera aztertu behar da. Esaterako, "Melitón Manzanas 'botatzea' ez zen ongi izan", esan du batek berriki. Beste batek hauxe erantzun dio: "Bizirik egon izan balitz, zenbat herritar gehiago torturako zituen?". Batzuetan eztabaida antzuetan aritzen gara, nork bere iritzia dauka eta horren arabera jokatzen du. Bere etika edo morala dauzka, edota beldurra dauka borrokatzeko. Askotan "egin ez egin" artean bizi gara, nahiz eta egitearen alde egon, norbera gauza ez delako hori egiteko. Hainbatek dio "ni borroka armatuaren aurka izan naiz beti". Baina gezurra ere bada neurri batean. Jende askok ez zuen parte hartu borroka armatuan ez zuelako bere bizia arriskatu nahi izan, baina pentsatzen zuen: "Egin ezazu zuk eta nik txalotuko dut". ETAren inguruan "pose" bat izan da. Batzuek ez zioten atea ireki sekula, ez zeudelako ados, eta hori oso errespetagarria da. Ezin bestera izan.
ETAk ez al du nolabait inposatu borroka armatua?
J. M. Olarra: Borroka armatua ez da baltsamoa izan. Ondorio latzak dauzka, aldian-aldian ezberdinak, batzuetan hainbat esparru irekitzen ditu borrokarako –eta demokraziarako– eta beste batzuetan ixten. Baina, berriz diot, nik ezin dut une honetan horren balorazioa egin, egungo egoera politikoak ez dit uzten. Nik borroka armatuak indarra, babesa eta estrategia izan dituela diot. Borroka armatuak estatuaren aurkako abangoardia lana egin ohi du demokrazia jartzeko, eta gure kasuan Euskal Herria garatzeko. Egiari zor, batzuetan ez du lortu, kontrakoa baizik. Kontraesanak ere sorrarazi ditu.
Espainiako Gobernua eta ETAren arteko Aljeriako negoziazioak izan ziren. Aukera...
J. F. Azurmendi: ...ez zen benetako aukerarik izan. Baina hori aztertzeko liburu bat beharko genuke. Abangoardia dela eta, klandestinitatea aipatu nahi dut: jendea kontrolatzeko oso erosoa da klandestinitatea. Adibide bat: HASIko sektore ofizialak
–150 kide, Txomin Ziluaga buru– Zestoako Kongresua irabazi zuenean, [ETAk] HASIko koadro guztiak bota zituen zuzendaritza berriak guda armatua eztabaidan jarri zuelako. HASI ez zen alderdi biguna. Hipercorreko atentatu garaian izan zen. Lehenago Egin -eko zuzendaria bere kargutik bota zuten. Barkatu nire burua agertzea [Azurmendi zen zuzendaria]. Mezulari bat etorri zen, izenik ez dut emango: "'Beste aldekoek' esaten dute" edota "mutilek diote...", esan zidan. Akabo eztabaida. ETAk klandestinitatea erabili zuen. Patxi Zabaleta batetik, edota Iñaki Esnaola eta Christiane Fando-Colina bestetik, [Aljeriako elkarrizketen karietara] etsai bezala tratatu zituen, Rafael Veraren [Segurtasunerako Estatu idazkaria] kolaboratzaileak bezala. "Gu ez gaude ados hauen planteamenduarekin" esatea, tira, baina Fando eta Esnaola, Veraren mesedetan aritu zirela esatea... Faborez. "Beste aldean" zeudenen –klandestinitatean– eta hemen zeudenen arteko aldea izugarria zen. Ezker abertzaleak ETAren estrategia zein zen argitzeko aukera dauka orain.
Sostenguari buruz: ETA hurbiletik sostengatu dutenak oso gutxi izan dira beti. Militanteen familiek eta lagunek lagundu zuten gehienbat hasieratik. Gure etxeak familiakoenak ziren eta ez zuten ezer galdetzen: "Mutil majoak ziren eta haien lagunak ere bai". Hurbileko jende artean ez zen guda armatuaz eztabaidatzen. 2000. urte aldean hasi zen kuestionatzen. ETAko militante baten [Luzia Urigoitia, Lutxi] hilketaren inguruan idatzi nuen Deia -n. Idazkiak ez zuen zabalkunderik izan, baina ARGIAk hizpidea hartu zuen Pello Zubiriaren eskutik. Oihartzuna izan zuen, edo gutxienez eztabaidatua izan zen. Ordura arte ez zen horrela kuestionatzen. Agian, ARGIAn euskaraz zelako, esparru mugatu batera iristen zelako zabaldu zen. Egia esan, orduan ez zen asko irakurtzen eta gaur egun ere ez. Mereziko luke idatzia irakurtzea. Zubiria orduan nahiko kuestionatua izan zen ezker abertzale ofizialaren aldetik, eta gero ere bai. Ezker abertzaleko buruzagi askok "gure mutilek esaten dute" erabiltzen zuten –meritu handiko Santi Brouardek barne–. Mutilek indar morala zuten.
K. Garmendia: Armak zituzten batez ere...
K. Garmendia:
Sostengua neurtzeko modua hauteskundeak dira. Hauteskundez hauteskunde ezker abertzalearen aldeko sostengua gutxituz joan zen, badakit ezker abertzaleari botoa ematen zion jende guztia ez zegoela ETAren alde, eta poztu izan naiz, nahiz eta ezker abertzaleak ETA sostengatu"
J. M. Olarra: . ..eta konfiantza, eta mitifikatuak izan ziren... [Garmendia: "Epika baliatu zuten..."], ados, epika, hori da hitza. Ideologia galtzen hasi zen eta emozioak irabazten, alegia, emozioen bidez iristen zen jendearengana azkarrago ideologiaren bitartez baino. Gauzak aldatuz joan ziren, baita testuingurua ere. Jose Felixek "sufrimenduaren sozializazioa" aipatu du. Hori etsaiak ETAri sartutako esaldia da [Azurmendi: "Esaldia agian, baina…"]. Utzidazu azaltzen, ETAk Gregorio Ordoñez hil zuen eta garai hartan... [Azurmendi: "Eta zer ekarri zuen gero?"]. Nola hasi zen azaldu nahi dut, nola bukatu zen besterik da. ETAk "indar armatuen aurka ari gara jotzen eta alferrik. Zeinek agintzen du baina, indar armatuetan? Politikariek", zioen. Jauzi bat eman zuen. Gero, zer motako politikariak hil zituen beste eztabaida bat da. Aldaketa eman zen: uniformedunen aurka jotzetik uniforme gabekoen aurka jotzera pasa zen ETA.
K. Garmendia: Nahi duzuna, baina armak erabiltzea egokia al zen une hartan? Horra galdera. Etikan sartu gabe. Estrategia politikoaren egokitasunaz beti eztabaidatu da, horrek ekarri izan zituen ETAn zatiketak, konstante bat izan zen. Ezetz ziotenak traidoreak bilakatzen ziren jarraitzen zutenentzat. Horrek gero eta "traidore" gehiago ekarri zuen. Erakunde klandestinoak oso hierarkikoak dira, ez dira batere demokratikoak, militarismoa inposatzen dute eta berezko helburu bihurtzen dira. Ez da ETAren kasua bakarrik. Zer aldatu zen 2011n borroka armatua uzteko? Zerbait aldatu al zen barruan? Kanpoan ez baitzen deus aldatu. Joxemari, zuk diozu "ETAk estrategia ezberdinak erabili dituela garaian garaiko, zikloak ziklo". Bai, eta denek porrot egin dute. Iritsi dira iritsi diren tokira. ETA politikariak hiltzen hasi zen Ordoñezekin, eta gero Blanco eta Buesa hil zituen, eta Lopez de la Calle... eta saiatu zen Recalde hiltzen. Azken biak Manzanasek torturatu zituen. Argudioa da politikaria okupatzailea dela, eta horrek kezkatu nau. Ordoñez "gurea" zen, gustatu ala ez. Maoisten pentsamendua hori da: "Herria ni naiz, eta ni bezala pentsatzen ez duena ez da herrikoa". "Espainolek ez dute hemen egoterik", diote batzuek. Baina horiek herritarren botoarekin hautatuak dira. "Gureak direnak" eta "gureak ez direnak" dikotomiaren araberako eskubideen banaketa horrek kezkatzen nau etorkizunari begira.
Olarra, zer aldatu zen kanpoan eta zer barruan?
J. M. Olarra: Hasteko, koiuntura internazionala. Jihadismoa zabaldu zen. Txapel beraren azpian sartu zen ETAren borroka eta jihadismoarena. Dena bihurtu zen terrorismoa. Horrek Estatuari berebiziko indarra eman zion. ETAn benetako eztabaidak 2001ean hasi ziren; martxoaren 11z geroztik. Atotxako atentatuak ETAren borroka armatua zeharo baldintzatu zuen.
Baina ETAk segitu zuen.
J. M. Olarra: Erakunde armatua ez da frenoa sakatu eta gelditzen den auto bat. Transatlantiko bat da. Donostiako Kontxan sartzen da eta badia osoa behar du buelta emateko. Aurreko zatia eta atzekoa ez dira aldi berean sartzen, baina osoa atera behar duzu. Kontua da ontzi osoak itzuli ematea. Zatiketa eragiten baduzu, beste batzuek erabaki dezakete borroka armatuak segitzea. Hau da: denok igo behar dugu mendira, batzuek hiru ordu behar dute, besteek bost. Ekipo lana egin behar duzu, batzuetan itxaron eta elkarrekin igo behar duzu, inor botata utzi gabe.
J. F. Azurmendi: Badago beste azalpen baten beharra ere. Adibidez, Aralar alderdiaren sorrera. Desadostasunak historikoak izan dira, normalean gutxiengoa etxera joaten zen, haiena bukatua zen. Aralarrekin ez zen hori gertatu. Boto kopuru dezente bildu zuen, hamar milako batzuk. Ordura arte, batzuk EAJra edo PSOEra joan ziren, babesa hartuz nolabait. Iparraldean eman zen ETAren aurkako erantzun oso sendoa. Bertako ezker abertzalearen gehiengoa, borroka armatuari babesa ematen ziona, aurka jarri zen. Hurbileko lagunek esan zuten: "Nahikoa, hau amaitu da". ETA horretaz jabetu zen, noski.
J. M. Olarra:
Borroka armatuak estatuaren kontrako abangoardia lana hartu ohi du, demokrazia jartzeko, eta batik bat, Euskal Herria garatzeko. Eta egiari zor, batzuetan ez du lortu, kontrakoa baizik. Hau da, kontraesanak ere sorrarazi ditu"
K. Garmendia: ETAk azken trenaren azken bagoia hartu zuen eta poztu naiz. Joxemarik "ETAk eta ezker abertzaleak erabaki bateratua hartu izanak berezko balio du" dio. Ados. Denontzako ona da eta bereziki eurentzat. Hala ere, ETAk hainbat trena pasatzen utzi zuen, arrazoi diferenteengatik. Baina tren batera igo edo bestera igo, bukaera ezberdina izango zen. Aljeriako trena hartu izan balu, Estatuarekin akordio bidez, agian eskasa izango zen, baina ETA historiara Estatuarekin negoziatu duen erakundea bezala pasako zen. Lizarra-Garaziko Akordioa aprobetxatu izan balu, abertzaleen batasuna irudikatuko zen sikiera. Loiolako Akordioa heldu zen ondoren, PSOE tarteko eta Rodriguez Zapatero presidentea zela. Azkenik, ETA modu unilateralean amaitu da, beste erremediorik ez duelako izan. Mendira denak batera igotzea inportantea da, batzuk harro izan daitezke horretaz, baina nork esan dezake egun: "Nik hil nuen Jose Mari Uria eta Isaias Carrasco. Nik hil nuen Jose Mari Korta!". Baina, zergatik? Inork ez du "herri honen askatasunerako ona zela" esaten.
J. M. Olarra: Herri honetan tonto gutxi dago. Zure buruari ez diozu hori egotziko.
K. Garmendia: Nik ez diot inori arrastaka ibiltzea opa. Baina, mendira igotze horren bitartean hildako asko izan dira. Demokrazia garaiko denak alferrikakoak. Eta Madrilgo T-4ko atentatuaz geroztik egin zituztenak are okerragoa estrategikoki. Ezker abertzaleko buruzagi bakoitzak bere estrategia egokitzat jotzen du: "Nik uztea erabaki nuenean horixe zen unea, aurretiko guztia egokia zen, gerokoa ez". Kartzelan direnentzat une egokia al da?
J. M. Olarra: Horren inguruko galderak eta gogoetak badaude, eta bat da: borroka armatuaren bitartez aurrerapausoak ematen dira edo Estatua indartzen du? Badirudi horrela erantzunez borroka armatua justifikatzen ari naizela. Eta ez da horrela.
J. F. Azurmendi: "Transmisioaren gabeziak hutsuneak ekarri ditu, berriek aurrekoak aintzat ez hartzeak ETAren bilakaera eta amaiera egokiago bat eragotzi du"
K. Garmendia: ETAk, unean une, borroka armatua eraginkorra zela baloratu zuen. Baina non dago jendearen iritzia? Herriaren gehiengoak beste iritzi bat zeukan [Azurmendi: eta bere jende askok ere bai]. Balio al du biolentzia erabiltzeak gehiengoak ez badu nahi? Autoritarismoak kezkatzen nau. Adibidez, ezker abertzaleak Gipuzkoan irabazi zuenean, bere militante askok eskema zaharreko klabetan segitu zuen: "Gorako bidea heldu zaigu". Bai zera. "Zuek besteok bezala, batzuetan gora eta bestetan behera ibiliko zarete". Ondo ibiliko zara politika egiten asmatzen duzun neurrian. Herria beraiek ordezkatzen zutelakoan aritu ziren oraindik ere.
J. M. Olarra: Hori ez da ezker abertzalearen hausnarketa. Ezker abertzaleak Gipuzkoako Diputazioa hartu zuen ETAren amaieraren ondoren, souffle bat izan zen, ilusio berri bat. EAJk erabaki zuen beste alderdiekin bat ez egitea, ezker abertzalearen oinarri soziala haserretuko zelakoan. Ezker abertzaleak kudeatu zuen Gipuzkoako politika, zuzen edo oker. Hori baloratzekoa da. Dena den, egun EAJk zentraltasuna hartu du, gizentzen ari da eta areago gizenduko da PP eta PSOEren botoekin. EAJk independentismoaren aurkako botoak batzen ditu, beldurraren botoa. "Kontuz ezker abertzalearen historiarekin", leloa baliatzen du.
K. Garmendia: Hori ere eztabaidagaia da, hasteko botoa ez baita inorena. 40 urteren ondoren botoa ari da eraldatzen. Gure belaunaldikoen joera aldatu da. [Olarra: "Ados"]. Kezkatzen nauena da, horien botoek ez dutela besteen adina balio pentsatzeak.
J. M. Olarra: Dena dela ere, errelato garaian gaude, eta badirudi borroka armatua egon dela, eta puntu. Baina hemen besteek "beren borroka armatua" segitzen dute. Noski, hori legala da.
K. Garmendia:
"Gureak direnak eta gureak ez direnak dikotomiaren araberako eskubideen banaketa horrek kezkatzen nau etorkizunari begira"
J. F. Azurmendi: Errelato garaia zaila da. Horra hor Valle de los Caídos delakoa. Hori ez dago Alemanian, alemaniarrek guda galdu zuteko, baina hemen Francok irabazi zuen. Diktaduraren ondoren demokrazia ezarri zuten, trantsizioa irabazi zuten frankistek.
Horien artean badaude ETA amaitzeko moduarekin ados ez direnak.
J. M. Olarra: Presoak ETAko militante ohiak dira, eta denak ez dira ETAkoak, noski. Disidentzia posibleren aurrean, errespetuz diot, amaiera hau ez da une batetik bestera egin. Mugarriak izan dira, prozesu luzea izan da. Lizarra-Garazin ezker abertzaleak eta EAJk ez zuten prozesua berdin ulertu. EAJk lurrartzeko pista eskaini zion ezker abertzaleari eta honek ez zuen onartu. Loiolako prozesua berriz, Lizarrakoa amaitu zenean jarri zen martxan. 1999ko abenduan, PSOEk eskatua, "Redondo Terreros, Benegas eta Egiguren"-ekin bilera egin genuen ezker abertzalearen izenean. Arnaldo Otegi, Kepa Gordejuela eta neronek. EAJren hegemoniari aurre egin nahi zion PSOEk. Jaime Mayor Oreja zen Barne ministroa. PSOEk hitz egiten genuen guztia informatzen zion Orejari. Aurrerapausoak eman ziren, baina PPk erabaki zuen mahaia apurtzea PSOEri ezer esan gabe. Nola? Ni atxilotuz. Bilerak grabatuta zeuden. ABC eta La Razón egunkariek dena lehertu zuten. PSOE beldurtu zen eta atzera egin zuen. Gero, Jesus Egigurenek segitu zuen bere kasa Arnaldorekin. PSOEk EAJ alboratu zuen, baina guk EAJ prozesuan nahi genuen. Nola egin aurrera bestela? Estatu barruko gatazka izugarria zen eta bidea apurtu zen. Estatuan bi planteamendu zeuden, guk politikan eragin genuen. Politikan zikloak daude. Halaxe da ere gaur egun.
J. F. Azurmendi: Baina, tamalez, EAJk duela hamabost urte ETAz egin zuen irakurketa eta egun egiten duena berbera da. ETAren amaieraz bi hitz: Espainiak nahi du ETA banda bezala pasatzea historiara, baina banda bat ez da Arnagan amaitzen. Arnagan eta Aieten izandako pertsonak maila handiko politikariak dira, badira norbait politika munduan. Batzuek ahalegin itzela egin dute hori horrela amaitu zedin.
Azkenik, zein da zuen ikuspegia ETAren ondoko garaiaz?
J. F. Azurmendi: . Hau ez da ETAren kontu soila izan. ETA inguru batean mugitu da, alboan jende asko izan du. Arazo politikoa den aldetik, hausnarketa denon artean egin behar dugu, haserretu gabe. Euskal herritar guztiok gaude inplikatuta, abertzale izan edo ez, presoak barne. EAJk sozialistei –horretan ardura berezia dauka– esan beharko lieke: "Edo hau konpontzen dugu edo ez duzue gure laguntza izango". Adibidez, Jonan Fernandezek eskolara eraman nahi ETAren fenomenoa. Merezi al du hori orain egiteak? Ez al da itxaron behar? Presoena konpondu arte behintzat.
J. M. Olarra:
"Kataluniako independentistek bete ditzakete kaleak, instituzioak euren esku izan, baina lurraldearen kontrola falta zaie, indar armatu espainolek dutena"
J. M. Olarra: Euskal Herrian bi proiektu daude: EAJ eta abertzaletasun ezkerrekoarena; EH Bai Iparraldean eta EH Bildu Hegoaldean. PPk eta PSOEk ez dute proiekturik. EAJ ez da nire etsaia, garbi daukat. Bidegurutze batean gaude. Kataluniako egoera hizpide: independentistek bete ditzakete kaleak, instituzioak euren esku izan, baina lurraldearen kontrola falta zaie, indar armatu espainolek dutena. Horra hor hango eta hemengo abertzaleen bidegurutzea. Espainolismoa gutxituz doa. Espainolekin akordio bat lortzea ezinezkoa da, ez dakitelako akordioetara iristen. EAJ eta EH Bilduk hor badute zer eztabaidatu, hor dago koska eta kezka.
K. Garmendia: ETAren amaiera porrota izan da. Hala ere, pozten naiz bere eszenaratzea agerian egin izana. Elkarbizitza bideratzeko erronka izugarria dugu. Ez dugu erabateko akordiorik lortuko espainolekin, baina abertzaleak ere ez gara jarri ados. Aldian aldiko akordioak izan dira, baina txikiak. Presoen auziaz: euskal gatazka ondo konpondu behar da. Presoak hurbildu, gaixoak askatu, eta gainerako presoei beste edozein presori zor zaizkion eskubideak eman behar zaizkie, gradu progresiboan. Noiz atera? Horrek lotura dauka preso bakoitzaren prozesuarekin. Terrorismoaren eta torturaren biktimentzat, berriz, errekonozimendua eta erreparazioa. Kontu bat, hemen denek ez dute gizartearen aniztasuna onartzen. ETAk eragin du hori. ETAk ez du gizarte osoa errespetatu. Ez dugu denok lagun izan behar, gauza bat da elkarbizitza eta beste bat lagunak izatea. Ez dugu proiektu bera, baina errespetatu diezaiogun elkarri.
J. M. Olarra: Biktimen inguruan bi hitz: ni hemezortzi aldiz izan naiz atxilotua, bost aldiz espetxeratua. Torturatua izan naiz eta erbestean ere egon naiz. Ni biktima al naiz? Ez. Ni boluntarioa naiz borroka honetan, eta biktima denari errespetu osoa diot, baldintza batekin, berak ni ere errespetatzea. Biktima izaera baliatzea politika egiteko onartezina da.
MAHAIKIDEAK:
Jose Felix Azurmendi: Kazetaria
Durango, 1941. Durangon eta Markinan pasa zuen haurtzaroa, nerabe eta gazte garaia Gernikan. 1963ko abenduan klandestinitatean sartu zen ETAko militante bezala. Iparraldetik Venezuelara joan zen 1966n. Informazio Zientzietan lizentziatu zen. Bartzelonan eta Bordelen osatu zuen bere formazioa. Egin egunkariko zuzendaria (1980-1987) eta Deia-ko zuzendariorde izan zen (1989-95). Radio Euskadiko (1995-1999) eta nazioarteko EITBko zuzendaria ere bai (1999-2010). Euskal nazionalismoaz, EAJz eta ETAri buruzko liburu andana idatzi du azken urteotan.
Koro Garmendia: EEko kide ohia eta EAJko kidea
Donostia, 1956. Filosofia eta Letretan lizentziatua. Institutuko irakaslea. Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkidea izan zen 1986-1989 legegintzaldian, Euskadiko Ezkerra alderdiaren eskutik. Halaber, Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua izan zen 1989-1993 bitartean. Euskadiko Ezkerratik bereizitako Euskal Ezkerra alderdian sartu zen. Alderdi hura desegin zenean, EAJn ekin zion, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuordea izan zen. 1995-2003 bitartean Donostiako Udaleko zinegotzia izan zen EAJren izenean.
Joxemari Olarra: Sortuko kidea
Villabona, 1957. Hamalau urterekin propaganda banatzen zuen Tolasaldean. Burgosko prozesu garaia zen. 1970eko hamarkadan hiru aldiz atxilotua izan zen. Hamazazpi urterekin sartu zen ETAn eta 1974an Iparraldera ihes egin zuen. 1977ko amnistiarekin itzuli zen. 1978an atxilotu zuten, 1980ko hamarkadan beste sei aldiz, 1990ekoan zazpitan eta 2000koan bitan. 2000n atxilotu eta 18/98 auzian auzipetua izan zen. 2007an berriz ere atxilotu zuten eta espetxeratu; 2014an atera zen kartzelatik. Batasuneko kidea izana da. Sortuko kidea da egun. Elkar argitaletxean egiten du lan. | news |
argia-317df2c11453 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/xabier-egana-margoaren-azpiak-eta-gainak.html | "Lehen arte ikasgaia duzu: ikusleak egin behar du margoa" | Miel Anjel Elustondo | 2018-07-29 00:00:00 | "Lehen arte ikasgaia duzu: ikusleak egin behar du margoa"
Arabako lautadan, Gasteiz, bere baitan hainbat kontzeju biltzen dituen hiria. Horietan bat da Forondako Andetxa. 2010ean hasi eta iaz artean, bertako Done Mikel eliza margotu zuen Xabier Egaña margolariak. Bertara ekarri gaitu, ikusi ditugu margo ikusgarrien gainak, margo ikusgarrien azpiak erakutsi dizkigu artistak.
Nola egiten zaio aurre hormatzarrak margotzeko prozesuari?
Prozesua… Xabier Alvarez Eulaterekin hasi nintzen ni. Erriberrin ezagutu nuen, 18ren bat urte nituela. 1962, eman dezagun. Atera kontuak, arte edo margolaritza libururik ikusi gabeak ginen garai hartan. Etxean janari-denda bateko egutegia, gurasoen logelako gurutzea, eta zenbait argazki. Horraino heltzen zen gure iruditeria guztia. Erriberrin ikasten ari ginela, sendagai baten erabilera-orri bat aurkitu nuen –tarte zuriak ere bazituen–, eta paper tximur hartan marrazki batzuk egin eta Eulateri erakutsi nizkion. Interesgarria iritzi zion, eta Picassoren liburu zenbait utzi zizkidan. Orduantxe zabaldu zitzaidan lehen aldiz zerua, edo artea, esentzian: askatasuna, deformazioa, ez antzak… Orduantxe hasi zen, niretzat, errealitatea bizitzari buruz hitz egiteko aitzakia izaten. Eta errealitatea da mingotsa, da ederra, da gogorra, da adeitsua, eta da… den bezalakoa.
Eta horixe ageri da eliza honetako hormetan?
Nola edo hala, bai. Hor dituzu paterak, adibidez. Oso gogoan nituen paterak. Hala ere, oraingoak ez bezalakoak dira nik margotutakoak. Oraingoak plastikozkoak dira, eta nik margotutakoak, aldiz, egurrezkoak, garai hartakoak. Kanariar Uharteetako itsasertzaren kontra jotzen zuten, txikitzen ziren, eta ezpalekin batera, patera haietan zetozenen askoren hilotzak agertzen ziren ur ertzean. Nire barruan josita zegoen irudi hori, hainbat eta hainbat marrazki eginak nituen, eta eliza honetako hormetara ekarri nuen gaia. Ikusten ez ditugun munduak dira, edo ikusten ditugunak baina ikusi nahi ez ditugunak. Eliza honetako hormetan, paterekin batera, giza irudi bat margotu nuen. Ez dakit zer ari den, begira dagoen, ikusten ari den edo ezer sentitzen ari den. Ez dakigu nondik datorren, ez nora doan. Alegia, ez dago irakurketa ofizialik. Nik irudi bat jarri nahi izan nuen, hilotz anabasa hari eta giza hondakin haiei begira. Beheraxeago, mutiko horixe…
Danborra jotzen ari da.
Irakurria duzu Latorrizko danborra ?
Gunter Grassen nobela. Bai.
Hortxe duzu latorrizko danborraria. Nazismoa salatu nahi du, ez hitz egitea erabaki du, danborra jotzea besterik. Hau txikitzen du, hura puskatzen… Bera margotzeko gogoa nuen, pateren tragediari ezetz esateko nahia, ez dela posible, injustizia hutsa dela. Danborrariaren aurrez aurre, beste giza irudi bat jarri nuen, oihuka hura ere: [Edvard] Munchen Garrasia . Munchek, ordea, ez du garrasi egiten mundua gaizki dabilelako, bera gaizki dagoelako baizik: margolaria da, krisi handi batean sartuta dago, eta hortik haren orroa. Parez pare jarri ditut biak: bata gizarte injustizien kontra garrasika; bestea, bere baitako ondoeza kanporatu nahi duela.
Ezker horman ageri da gai hori, beste hainbat elementurekin batera. Eskuin horman, beste hainbat osagai. Elementu zentrala, berriz, erdiko horman, Jesu Kristo gurutziltzatua da.
Begira, egun batean, aldamioan gora igota margotzen ari nintzela, gizonezko bat sartu zen elizara. Istripua izana zuen, nonbait, eta baldar zetorren. Igeltseroarekin hizketan hasi zen, eta pixka batera, aldamiotik jaitsi nintzen, zer ote zen. [Juan Ignazio] Lasagabaster zen, Gasteizko Santa Maria Katedrala fundazio zuzendaria. Poz eman zidan. Eta ordu arte egindakoa ikusi eta laster esan zuen: "Honek eliza izan behar du". Nik ez nuen sekula horrelakorik pentsatu. Hainbat zirriborro eginak nituen, marrazki mordo bat, baina eliza izan behar zuen, ez zuen, ez nekien. "Eliza izan behar du". Horrek, mugak ezarri zizkion nire lanari, ez estuak ere, baina lana zedarritu zuen.
Argazkia: Zaldi Ero.
Eliza, baina ez nolanahikoa.
Bai, bada. Zer esan nahi du "eliza" izan behar duela? Zer da "eliza"? XVI. mendean egin zuten Andetxako eliza hau, eta bi mende geroago eraberritu. Bertan ezkondu dira hemengo herritarrak, egin dituzte hiletak, bataioak… Eliza topagune izan da herri txikietan. Kontatu izan didate, haurretan hainbat jolas eta bihurrikeria egin izan zituztela eliza honetan bertan. Gauza asko. Margotzen hasi nintzenean, Kristo margotu nuen lehenengo. Tamainagatik, eta margoagatik.
Ez gaiagatik?
Gaiari buruz ez nuen dudarik. Banekien. Gurutziltzatzea nahi nuen, gurutzetik jaitsiera, piztuera… Kristau sinesteen nahaste-borraste bat. Kristo hila da, Aita Jainkoak galtzarbeetatik eutsi dio, eta lagunek eskailera bat jarri dute, Kristo jaisten laguntzeko. Zirriborroak eginak nituen, margotzera igo… eta ez zuela funtzionatzen konturatu nintzen. Besterik behar nuela, gogoan neuzkan elementuen arteko erlazioak gorabeherak zituela. Problemak sortu ahala, soluzioak bilatzen jardun behar izan dut… Lanean hasi eta konturatu nintzen hiru ordu baino gehiago irauteko gauza ez nintzela. Nekagarria zitzaidan. Modu trinkoan lan egiteko ohitura dut. Hasi eta segi, hormaren kontra borrokan.
Zer da "hormaren kontra borrokan"?
Horixe! Jendeak ulertzen ez duena, horma zuri baten kontra borroka egin behar duzula, horma hori noiz isilik dagoela, noiz garrasika, eta horma horrekin elkarrizketan jardun behar duzula, tamaina, margo edo konposizioari buruz. Goizeko bederatziak aldera lanean hasi, eta eguerdi arte egiten nuen lan. Arratsaldean, berriz, etortzeko ohitura nuen, neuk bakarrik, baina ez margotzera, begiratzera baizik. Hartzen nuen aulki bat, jartzen nintzen elizaren erdian eta margotutakoari begiratzen hasten nintzen. Besterik gabe, begiratzen. Jendeari esaten nion: "Begiratzen egotea ez da nolanahiko lana. Gela ilun batera sartu eta kandela bat piztea duzu: distraituta baldin bazaude, ilunpe hutsa da, baina erne baldin bazaude, kandelaren argi izpi horrek zer edo zer hautematen uzten dizu, zer edo zer ikusten. [Hunkiturik ari da] Inork ere ez daki zer den "zer edo zer" hori, baina bada "zer edo zer". Eta horrexen bila etortzen nintzen hona arratsaldeetan.
Eta aurkitzen zenuen erran delako "zer edo zer" hori?
Lehentxeago edo geroxeago, beti ikusten nuen "zer edo zer". Eta ez dakit zer zen ere: batean, bateko margoa; bestean, besteko giza irudiaren tamaina. Mundu bat sortzen da zeure barruan, hurrengo goizean zeurekin batera hormara dakarzuna. Eta egindakoari ukituak egingo dizkiozu, edo aurrera joko duzu, besterik gabe. Esate baterako, badut lagun bat, Jesus Mari Goñi matematikaria, goizean goiz Iruñean trena hartu eta Gasteizera etortzen zitzaidana. Trenetik jaitsi, bizikleta hartu eta Andetxara etortzen zen, niri laguntzera. Behin, irudi baten buruarekin ari nintzen. Jesus Marik margoak-eta ekartzen zizkidan, hura niri laguntzen beti. Eguerdian, bazkaltzera joan eta esan zidan: "Badakizu zenbat aldiz margotu duzun delako buru hori?", eta nik: "Behin". Eta berak: "Ez, 25 aldiz!". "Kontatu egin ote dituzu, bada?", "Bai!". Ez zen txantxetan ari, egia zen. Izan ere, hormak zimurrak ditu, itzalak egiten ditu, une jakin batean gustuko duzun margoa, hurrengoan ez zaizu gustatzen.
Batean gustatzen zaizu, hurrengoan ez, baina margotua duzu.
Kasu hartan, goiz osoa eman nuen buru txar bat margotzen, harik eta "Oraintxe bai!" esan nuen arte. Baina "Oraintxe bai!" esatea da zailena, ez baitago inolako neurririk, eta zirriborroak ez baitu ezertarako balio. Nire zirriborroetan buru bat ageri zen, edo ehun buru, baina ez dago zirriborroetara begira buru bat kopiatzen jarduterik. Barruan duzun buru horixe aterarazi behar duzu, eta hortxe dator borroka, eta hortxe hasten da hormatzarra zuri agintzen, zure lana gidatzen, bidea zuzentzen… Eta eginda dagoenean, ez atzera begiratu. Horixe da okerrena. Pentsatu ere ez atzera egitea.
Zer esan nahi duzu?
Esate baterako, eman dezagun tailerrean nagoela, margotzen. Nekatu naiz eta utzi diot lanari. Kaleko jantzi naiz, banoa, eta atzera begiratzea bururatu zait: zast! Ikusi dut zer edo zer. Arraioa! Hartu pintzela eta banoa, ikusi dudan xehetasun hura kontuz-kontuz ukitzera… eta orduantxe zer edo zer erortzen zait, edo zikintzen ditut kaleko arropak, edo… Atzera begiratzeak zer edo zer aurkitzera jartzen zaitu. Izan liteke halabeharrez gertatzea ere, baina kontua da behin eta berriz eta askotan gertatzen dela. Eliza honetan ere hainbat aldiz gertatu zait.
Argazkia: Zaldi Ero.
Hormatzar margotu ederrok ikusi arren, ikusleok ezin ulertu obrak bere baitan gordetzen duen mundua, haren esanahia.
Horixe da arazoa. Hainbat eta hainbat elementu ageri dira eliza honetako hormetan. Ikusleek zenbait elementu bai, ezagutuko dituzte, baina beste asko ez. Jendeak azalpenak behar ditu eta, horretarako, liburuxka argitaratu dugu Jesus Mari Goñik eta biok, testuz eta argazkiz, ikusleek uler dezaten. Esate baterako, horma guztietan beti ageri dira bertikala eta horizontala. Margolariak marra horiek intsinuatu egin behar ditu eta ikusleak, aldiz –eta horixe da zailena–, marra haiek ikusteko ahalegina egin behar du. Ahalegina egin. Horixe duzu lehen arte ikasgaia: ikusleak egin behar du margoa. Alegia, arbolak daudela ikusi ez ezik, zergatik dauden arbola horiek hor galdetu behar dio bere buruari, zergatik dituzten tonu jakinak, zergatik…
Klabeak dira hormatzar margotuotan barna ibiltzeko, bistan dagoena ulertzeko.
Klabe bat, oso inportantea, eta ikusleari dagokiona, esango dizut. Krisalida bat margotua dut hormetarik batean. Jakina denez, krisalidak tximeleta bat du barruan. Tximeleta hori pupatik indarrez ateratzen saiatzen bazara, hil egingo zaizu. Krisalidak bere buruz hautsi behar du zetazko pupa. Andetxako eliza honetara datorren ikuslea ere krisalida bat da, tximeleta gordea du bere barruan. Pupatik irteten den ez den, ikuslearen gorabehera da. Nik, aztarnak eman dizkiot, bideari jarraiki dakion. Norberak egin behar du bide hori, nahi duen eta ahal duen neurrian. Eta ez da erraza, artea ikustea ez baita lantegi erraza; baina ezta irakurtzea ere, edo zinema ikustea. Ikustea lortuz gero, berriz, tximeleta egingo da ikuslea ere, zer bat politagoa, ederragoa, tximeletagoa. Dena delakoagoa.
Bestela ikusiko du mundua.
Platonek dioenez, haitzulo baten barrualdeari begira bizi gara. Itzalak ikusten ditugu han, eta uste dugu horixe dela errealitatea. Halako batean, ordea, itzuli, haitzulotik kanpoaldera begiratu, eta bestelakoa da errealitatea. Horrelaxe Andetxako elizan, eta artean, oro har: zein da artistak ikusten duen errealitatea, eta ikusleak ikusi beharko lukeena? Hori oso prozesu gaitza da, arreta jartzea, jakin-mina izatea, galderak egitea esan nahi baitu. Eta munduak ez du horretarako abagunerik ematen, korrika eta presaka bizitzera behartzen gaitu, distrakziotik distrakziora. | news |
argia-2aedd7040bc4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/santa-katalina.html | Naturak eta historiak bat egiten duten lorategi botanikoa | Garazi Zabaleta | 2018-07-29 00:00:00 | Naturak eta historiak bat egiten duten lorategi botanikoa
Añanako Kuadrillan, Iruña Oka udalerriko Tresponde herrian (Araba) dago Santa Katalinako Lorategi Botaniko ikusgarria, Badaia mendizerran kokatua. XIII. mendean eraikitako monasterio zaharraren hondakinetatik lorategia sortzea erabaki zuten 1999an udalerriko ordezkariek, inguruak hiru mikroklimetako espezieak izateko aukera ematen zuela ikusita: mediterranear, atlantiar eta mistokoak. "Berezia da lorategia, historiak eta naturak bat egiten baitute hemen: konbentua da gunearen bihotza", azaldu du Blanca Ezpeleta lorategi botanikoko teknikariak.
Bertako nahiz munduko mila espezietik gora
Ihar frantsesa eta artea dira nagusi tokiko landareen artean lorategi botanikoan, ipurua, ezpela eta beste hainbatekin batera. Tokikoez gain, dena den, kanpotik ekarritako landare espezie ugari ere topatuko ditu bisitariak Santa Katalinan. "Australiara joan gabe hango zenbait landare ezagutzeko aukera dago hemen, berdin Afrikakoak, Argentinako kaktusak…". Helburua, teknikariaren arabera, natura jendearengana hurbiltzea da azken batean. Hiru ibilbidetan banatuta dituzte landareak: bertakoak, ekialdeko landareak eta Australiako zuhaitzak, eta uretako espezieak.
Bisitariek historian murgiltzeko aukera ere izanen dute gune natural honetan. XIII. mendean Iruña Okako familia boteretsuenak eraiki zuen Santa Katalinako dorretxea, gerora monje agustindarrek monasterioa eraikitzean mantendu zutena. Lehen gerrate karlistan monasterioa erre eta suntsitu bazuten ere, egun oraindik mantentzen dira eraikinaren arrastoak.
Bisitak, tailerrak nahiz ikuskizunak
Eskoletako haurrak eta jubilatuak dira Santa Katalinako bisitari ohikoenak, Ezpeletaren arabera. Inguruan dauden bi espetxeetatik bergizarteratze programak antolatu eta lorategira bisitak egiten dituzte presoek formazioa jaso eta lorezaintza lanak egiteko.
Bestelako ekimenak ere antolatzen dituzte lorategi botanikoan: sendabelar tailerrak, xaboiak, argizariak, perfumeak eta kremak egiteko tailerrak, tximeletak ezagutzeko tailerrak… Izarrak ikusteko gune pribilegiatua izanda, gauez teleskopioarekin obserbazioak antolatu ohi dituzte Santa Katalinan. Eta kontzertuak eta antzerkiak ere ez dira falta urtean zehar. "Guztia naturaren, landareen eta animalien garrantziaren inguruan jendea sentsibilizatzeko", dio teknikariak. | news |
argia-fdb84896ce14 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/tokio-bonba-atomikoaren-itzalean.html | Tokio, bonba atomikoaren itzalean | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-07-29 00:00:00 | Tokio, bonba atomikoaren itzalean
Hiroshima, 1945eko abuztuaren 6a. AEBetako armadak bonba atomikoa jaurti zuen Japoniako hirian. Handik hiru egunera beste bonba bat bota zuten Nagasakin. Harry S. Truman AEBetako presidenteak gaitzerdia erabili zuen erasoa justifikatzeko: gerraren amaiera bizkortuko zuen erasoak eta, hala, Hiroshiman eta Nagasakin hildakoen truke, askoz bizitza gehiago salbatuko ziren. Baina aitzaki horien eta bonba atomikoen onddo erraldoien itzalean, inoizko bonbardaketarik hilgarriena lausotuta geratu zen.
Tokion gertatu zen hilabete batzuk lehenago, 1945eko martxoaren 9aren eta 10aren arteko goizaldean. AEBetako 334 B-29 hegazkinek 1.665 tona bonba su-eragile bota zituzten. Fosforo zuriz eta napalmez osatutako bonba horiek erasotzaileek aurreikusitako triskantza eragin zuten; lurrikarei aurre egiteko, Japoniako eraikuntza material tradizional nagusiak egurra eta papera baitira. 41 kilometro koadro erraustu zituzten, 260.000 etxe baino gehiago birrindu eta gutxienez, 105.400 pertsona hil –Hiroshiman eta Nagasakin, hurrenez hurren, 80.000 eta 74.000 pertsona hil zituzten bonbek erasoaren unean, gerora erradiazioak askoz biktima gehiago eragin arren–. Eta aditu gehienen ustez, benetako biktima kopurua askoz handiagoa izan zen, bi aldeei interesatzen baitzitzaien zenbakiak txikitzea: estatubatuarrek eragindako sarraskia minimizatu nahi zuten eta japoniarrek ez zuten beren ahuldadea onartu nahi.
Robert S. McNamara zen orduan AEBetako defentsa ministroa eta, beraz, Tokioko bonbardaketaren erantzule intelektuala. Hil baino lehen, barkamena eskatu zuen erasoarengatik, baina oraindik ere egindakoa justifikatzen ahalegindu zen, " in order to do good you have to sometimes engage in evil " esaldi ezagunarekin; ongia egiteko batzuetan gaizki jokatu behar dela, alegia. Curtis LeMay jeneralak, erasoaren erantzule materialak, askoz garbiago hitz egin zuen: "Galdu izan bagenu, ni gerrako kriminala nintzateke".
Hortaz, Tokioko sarraskiak bertan behera uzten du hilabete batzuk geroago Trumanek erabilitako justifikazioa, are gehiago kontuan hartuta Nagasakiko erasoaren bezperan eta biharamunean, abuztuaren 8an eta 10ean berriro ere Tokio bonbardatu zutela.
Asia Ekialdean aditu den Mark Seldenek dioenez, Japonia errendizioaren bidea jorratzen ari zen bonba atomikoa baino lehen ere eta, horretarako, Sobietar Batasunaren bitartekaritza bilatzen zuen. AEBek, ordea, ez zuten sobietarrek Ozeano Barean eskua sartzerik nahi eta nagusiki horrek bultzatu omen zituen arma atomikoak erabiltzera eta bide hori ixtera.
Gainera Seldenek aurrekaritzat ditu Japoniaren aurkako eraso atomiko eta ez-atomikoak: "Gerra egiteko modu oso estatubatuarraren hasiera izan zen hura: zibilak bonbardatzea eta, gero, ukatzea". | news |
argia-b804c44857af | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/mikel-eskauriaza.html | Ikonoak eraisteko daude | Xabier Gantzarain | 2018-07-29 00:00:00 | Ikonoak eraisteko daude
Badira azalpen askorik behar ez duten irudiak, hau da bat. Ikusleari ezaguna egiten zaion enkuadrea erabiliz ateratako argazkiak ihartutako zuhaitz bat erakusten du, burdin forjatuzko hesi baten atzean, estilo neoklasikoko eraikin baten atarian. Argazkiaren erdi-erdian dago zuhaitza, eta ihes puntuak gure begirada enborraren oinera darama, handik gora egin eta adar hiletatik abailtzeko berriro lurrera, eta buelta berriro gora, loop hipnotikoan sartu arte.
Gernikako arbola hilda dago.
Ikonoen indarra itzela da, eta haiek gugan duten eragina gutxiesten badugu ere, esanez guk badakigula sinboloak direla, eraikiak direla, esanahi itxi batetik haratago joateko gai garela, ezin diegula botererik eman, ezin diegula utzi gugan eragiten, ez dela zuhaitz ihartu bat besterik, kasu honetan, eta abar eta abar, sinboloak berdin egiten du bere lana.
Bere arte lana argazki bidez egiten duen artista da Mikel Eskauriaza Bareño (Bilbo, 1969ko apirilaren10a). Argazkigintzan eta paisaia-generoan aritzen da 90eko hamarkadatik hona. Argazkigintza erabiltzen du lurraldeko fenomenoak eta prozesuak behatu, dokumentatu eta interpretatzeko, bai eta beraien ondorio fisiko, politiko, ekonomiko eta sinbolikoak ere.
Ikuspegi dokumentala hartuagatik, ez zaio umorea eta ironia falta bere lanetan, irakurketa kritikoak egin zale da. Hemen ikusten den argazkia adibide ona da. Bai eta BAPORAK. Euskal ontzidia Indiako ozeanoan lana ere. Izenburuak dioen bezala, Indiako ozeanoan arrantza egiten duten Euskal Herriko ontzien argazkiak egin zituen, XIX. mendeko pinturan ohiko bihurtu ziren itsas erretratuen eskema formala hartuz. Armadoreek eskatzen zituzten koadroak orduan, zilegitasuna irabazi eta boterea erakusteko.
Argazkiak egiten ditu, errealitatea ikusten laguntzeko. | news |
argia-a106d8c2e714 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/trump-eta-salvini-inperioaren-beste-estrategia-bizirauteko.html | Trump eta Salvini, inperioaren beste estrategia bizirauteko | Pello Zubiria Kamino | 2018-07-29 00:00:00 | Trump eta Salvini, inperioaren beste estrategia bizirauteko
Matteo Salvini denbora laburrean Italiako jaun eta jabe egin da aurretik Donald Trumpi AEBetan garaipena eman zion formula berdintsua erabiliz: herritarren arazo guztien errudun bihurtu etorkinak eta oro har atzerritarrak. Baina zer datza gorroto eta arrazismo horien arrakastaren oinarrian? Ziurrenik, diosku Ugo Bardik, zerikusia daukate munduko botere jokora berriro nazio-estatuak itzuli izanak eta Amerikako Estatu Batuen inperioaren etengabeko gainbeherak.
Ugo Bardi (Florentzia, 1952) ARGIAko irakurleak ezaguna duke gogoan baldin badu " Peak Civilisation: Zerk hondoratu gaitzake Erromatar Inperioa bezala? " titulua zeraman 2015eko LARRUN hura. Bardi, kimikako irakaslea Florentziako unibertsitatean, aditua da sistemen dinamikan, klimaren zientzian eta energia berriztagarrietan. Plazaratu berri duen The Seneca Cliff [Senekaren amildegia] liburuan deskribatzen du nola inperioek, handitu eta indartzeko urte luzeak behar dituzten bezala, hondoa jotzea oso denbora laburrean egiten duten.
Bardik bere The Cassandra's legacy' [Kasandraren testamentua] blogean idatzi berri du Italiak azken hauteskundeen ostean egin duen aldaketa handiaz: " Trumpek Italia bereganatu du kolpe azkarrean: Matteo Salvini eta eskuin italiarraren gorakada ". Hauteskundeak M5eko grilliniek irabazi arren, Italian benetan nagusi Salvini barne ministroa eta bere Liga ultra-eskuindarra baitira gaur.
Italiako politikagintza irauli duen Salvinik arrakasta lortu du, Donald Trumpi kopiatuz, herritarren malurren errudunei aurpegia jarriz: etorkinak, atzerritarrak eta ijitoak –nahiz eta hauek Italiako populazioaren %2 baizik ez izan–. Trumpek bezala Salvinik frogatu dute zenbat eta bortitzago, bihotz gabeago eta arrazistago mintzatu, orduan eta gehiago maite dituela publikoak.
"Egon behar du arrazoiren bat –dio Bardik kezkatuta– Italian arrazismoak eta gorrotoak horrela eztanda egiteko. Ziurrenik zerikusia dauka nazio-estatuak berriro munduko botere-jokoetan sartu izanak eta inperio iparramerikarraren gainbeherak".
II. Mundu Gerra ostean Mendebal Europak onartu zuen AEBetako Inperioaren agente izatea, haren kontrolpean, armada europar propio bat gabe, denbora luzez ez moneta eta ez egitura politiko propiorik gabe, AEBei konkurrentzia egingo zien benetako inperio oso izateari uko eginda. Baina mende erdiz eraginkortasunez funtzionatu ostean, Europar Batasuna ahulduta dago gaur krisi ekonomikoagatik eta ezin da jakin Britainia Handia galtzea gaindituko duen ere.
Orain berriro indartzen ari dira estatu zaharrak, ez Europan bakarrik. Amerikako Estatu Batuetan Donald Trumpek bere gain hartu du AEBak diren inperioa berriro nazio-estatu bilakatzeko helburua. "Eta honek gauza asko aldatzen ditu, ez denak onerako".
Kontu da –beti Bardiren iritzian– inperioak ez direla arrazistak izaten eta ez direla garbiketa etnikora dedikatzen. Ez zaie komeni, inperioek beren baitan osagai oso heterogeneoak menderatzen baitituzte, indarrez kontrolatu beharrekoak, armada indartsuz alegia. Horregatik dira inperioak hain garesti, aparatu militar handi eta kario bat eduki behar dutelako.
Gehiegizko gastu militarrak izan ohi dira inperioen kolapsoaren arrazoi ohikoenak. Antzinateko Erromari hala gertatu zitzaion eta berdin Sobietar Batasunari. Hala ari zaie gertatzen oraintxe AEBei ere: ezingo dute luzaz biziraun bera indartsu egin zuten energia eta baliabide merkeak ez bazaizkio iristen.
Aldiz, inperioen aldean nazio-estatuak izaki nahiko homogeneoak dira hizkuntzari eta etniari dagokionez, zati txikiagoetan banatzeko aukera gutxiagorekin. Indar militarrari dagokionez, aski izan dezakete gutxiengo etniko edo ideologikoak ito edo suntsitzeko gai den milizia batekin, horregatik dira inperioak baino merkeagoak eta erresistenteagoak.
Ez da erraza herritarrei ulertaraztea gaurko krisi ekonomikoaren oinarrian baliabideen agortzea eta ekosistemaren aldaketaren kosteak daudela. Alferrik da Salvini edo Trumpi populista edo arrazista deitzea: beren metodoarekin emaitza bikainak lortzen dituzte eta luze gabe ikusiko dira lider gehiago haien bide bera urratzen, Europa garbiketa etnikoetara eta gerrara hurbilduz.
2.000 urte pasata, Trajano eta Hadriano
AEBetako azken hauteskundeen bezperatan, 2016ko azaroan publikatutako " Zein enperadore litzateke Donald Trump? " analisian, Bardi saiatu zen Erromako inperioko enperadoreekin erkatzen Hillary Clinton eta Donald Trump. I. eta II. mendeetan Erromako inperioak nozitzen zituen gaur AEBek dauzkaten arazoetako asko: gero eta baliabide urriagoak, gehiegizko kosteak, zabalegi hedatutako armadak eta abar. Enperadoreek dilema honi egin behar zioten aurre: edo jokabide erasokorrean jarraitu inperioa areago zabaltzeko, edo eremua murriztu eta defenditu ordura arte inperioak lortutakoa?
Enperadore gehienek zuhur jokatu zuten, konkista berriei tentu handiz ekinez. Baina batzuk handinahiak ziren. Trajano (53 -117) kanpaina militar zail batean abiatu zen Daziako urre meategiak kontrolatzeko. Arrakasta militarra lortu zuen, baina ordainetan inperioaren finantzak hondatuz.
Hadriano (76 -138) etorri zen ondoren, espantsionismoa moztu zuen, defenda gaitzak ziren eremuak abandonatu zituen eta Erromaren aspaldiko etsaiekin bake itunak sinatzen hasi zen. Hadrianoren izena darama Britainia Handian erromatarrek eraikitako harresiak , Ipar aldeko herrien erasoetatik babesteko. Hadrianori jakintsu fama eman zio, baina harresiak eraikitzeko estrategiak epe luzera inperioa kiebrara eramaten lagundu zuen.
Bardiren analisian, Hillary Clintonek eduki zezakeen Trajano enperadorearen antza, honek inperioa zabaltzeko abiatu baitzuen ahalegin militar zail bat, azkenean inperioarentzako kaltegarri gertatuko zena. Trumpi, aldiz, hartzen zion Hadrianoren traza; Trajanoren oinordetza hartuta, Hadrianok justu kontrako norabidetik jo zuen: lurraldea zabaltzeko gerra guztiak gelditu eta inperioa bere mugen barruan gotortu.
Geroztik, agintea harturik, Trumpek bere analisia berretsi dio Bardiri: Trump jokatzen ari da duela 2.000 urte Hadrianok egin zuen moduan, nahiz eta alderaketak asaldatuko duen Marguerite Yourcenarren miresle bat baino gehiago. Gerra berrietan ez sartzeaz gain, Trump nabarmen ari da AEBak sistema ekonomiko globalizatutik baztertu nahian. Trumpek desegin nahi du 90eko hamarkadan neokontserbadoreek abiarazitako plan handia, Sobietar Batasuna hondoratuta AEBak bihurtzeko munduko inperio bakar.
Neocon jendearen plana primeran joan zen... lokatzetan sartu arte: garestiegia zen. Bushengandik hasita Obamarainoko Trajanoen ostean, Hadriano-Trumpen txanda da. "Inperio guztiak igarotzen dira hazkunde eta gainbeherazko ziklo berdinetik: horra Seneka amildegiaren legerik gogorrena. Hadrianok berak, hain jakintsua omen zenak, ezin izan zuen salbatu Erromako inperioa. Gehienez ere, lortu zuen bizirik atxikitzea denbora apur bat gehiagoz". | news |
argia-b8aa9c5387cf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/juan-sebastian-elkanoren-mundu-biraren-v-mendeurrena.html | Zer dugu ospatzeko? Zer dute ezkutatzeko? | Axier Lopez | 2018-07-29 00:00:00 | Zer dugu ospatzeko? Zer dute ezkutatzeko?
Sarean bilaketa azkar bat egin eta hitz loriatsuak baino ez ditugu aurkituko Juan Sebastian Elkanoren inguruan. Espainiako orriek gogoraraziko digute globalizazioa eta merkataritza bide berriak irekitzen munduari egindako ekarpena. Euskarazkoetan, aldiz, jatetxe, txakolin eta turismorako dei artean, euskaldunok itsasoan munduko onenak ginela goresteko fetitxe bat agertuko zaigu. Munduari buelta ematen lehena izan zela azpimarratzen dute guztiek. Mundu Biraren V. Mendeurrenaren makineriak prest du Elkano marka. Baina historia ez denez sekula neutroa, kazetaritzaren antzera, zer gordetzen dute, zer saltzeko?
Getariako udaletxe aurreko plazatxoa. Asteazkena, 08:20. Lau katu kalean. Parean dudan estatuari argazkia egiten dion bigarren pertsonarengana hurbildu eta: "Barkatu, ba al dakizu hori zein den?". " No idea, but I like the photo ", dinosta Donostiatik Juan Sebastian Elkanoren jaioterrira heldu den turista australiarrak. Euskal Herrian ezer gutxi dakigu Elkanoren inguruan, zer eskatuko diogu bada gu bisitatzera datorrenari?. Ezezagutza hori oso orokortua dagoela dio Nikanor Lertxundi (EH Bildu) alkateak: "Ezjakintasun handia dago, estereotipo galantak daude, Getarian zein hemendik kanpo. Elkano ezaguna da munduari buelta emateagatik, baina hori da dakigun ia gauza bakarra". Eta, egiari zor, hori ere ezbaian dago. Zenbait historialariren ustez, Magallanesek 1519an abiatu eta 1522an Elkanok burutu zuen munduaren bira ez zen historian egindako lehena izan. 100 urte lehenago, 1421 eta 1423 bitartean, Txinako Zhu di enperadoaren itsas-espedizioko kideak izan ei ziren munduaren biribiltasuna frogatzen lehenak.
Domina zein paparretan jarri baino, gauza bat ziurra da: hemendik eta 2022ra bitartean, Elkanori buruz inoiz ez bezala entzun, irakurri eta ikusiko dugu. Mundu biraren bosgarren mendeurrenari begira diskurtsoak, produktuak eta ekimenak prestatzen hasi dira Espainiako eta bertako erakundeen bultzadaz. Elkano marka etxean eta munduan barrena zabaltzera doaz, bakoitzaren egungo interes politiko, ekonomiko eta mundua ulertzeko era propiotik abiatuta.
Elkanoren "balentriak"
Ilustrazioa: Xabier Sagasta
Juan Sebastian Elkanoren bizitzaz dagoen informazioa oso urria da. Bere testamentua da iturri nagusietako bat, baina hutsune asko dago. Noiz jaio zen ere ez dago argi. 1487 inguruan sortu zen, Katalina Portu eta Domingo Sebastian Elkano getariarren bederatzi seme-alabetako bat izan zena. Mediterraneo eta Atlantikoko merkataritzan aberastutako itsas-gizona zen aita, herriko dirudun handienetako bat. Amerikako konkista eta genozidioaren hasierako urte horietan irekitako negozioei segida eman zionetako bat izan zen Juan Sebastian elkanotarren familian.
200 upeleko itsasontzi baten armadorea zen. Hainbat espedizio militarretan parte hartu zuen Gaztelako erresumaren eta kristautasunaren interesen alde. Armekin eta gupidarik gabe borrokatu ziren pertsona boteretsuekin aritu zen getariarra. Horietako bat Francisco Jiménez de Cisneros Espainiako Inperio katolikoaren babesle porrokatua izan zen. Ezaguna da, besteak beste, arabiar guztiak kristauarazi egin behar zirela defendatu eta Nafarroaren burujabetasunaren aurkako erasoak babestu zituelako, besteak beste. Cisneros, Inkisizioaren buru zela, Ipar Afrika konkistatzeari ekin zion eta Oran, Bugia eta Tripoliko sarraskietan parte hartu zuen Elkanok haren zerbitzura. Oran hiriaren konkistan 4.000 pertsona hil zituzten, beste iturri batzuek 10.000ra igotzen dute kopurua. Errege katolikoen agintari militar nabarmenena izan zen Gonzalez Fernandez de Cordoba kapitainarekin ere ibili zen Elkano, Napoli konkistatzeko borrokan eta inguru hartako beste kanpaina militar batzuetan.
Zorrak pilatzen ere abila izan ia zen Elkano. Merkatari savoiarrei ala bankari genoarrei –ez dago argi nori– dirua eskatu zien. Zorra kitatu ezinik, itsasontzia eman zien ordainetan. Horregatik Getariatik ihes egin behar izan zuen, Gaztelako erresuman delitu larria baitzen atzerritarrei itsasontzia saltzea. Sasira jo eta Sevillara heldu zen.
Sevillako Kontratazio Etxean zeuden euskaldunei esker –batzuek senideren bat aipatzen dute–, bera ezagun bilakatuko zuen espediziora batu zen. Elkanorentzat aukera paregabea zen gainera, Magallanesen espedizioaren bidaiarientzat hitzartutako onuretako bat baitzen aurretik egindako delituak barkatzea.
Espeziak urrearen pareko ziren garai hartan, nola edo hala Espezien Uharteetarako bidea osatzea zen helburu nagusia. Eta hala, 1519ko abuztuaren 10ean, abiatu ziren bost itsasontzitan nazionalitate askotako 234 gizon (horietako bat esklabu malaysiarra). Elkano Concepción ontziko maisu jarri zuten. Hiru urteko bidaian gertatutakoaz, Antonio Pigafetta italiarrak eta Francisco Albo gaztelarrak idatzitako egunerokoei esker dakigu gehienbat.
Nekez irudika dezakegu zer den garai hartako teknologiarekin, itsasbide zehatzik gabe, horrelako bidaia luze bat burutzea. Gorriak eta bi pasatu zituzten: gosea, egarria, gaixotasunak, erasoak, matxinadak, enbatak… Baina haiek ere, garai hartako konkistatzaileen antzera, gorriak pasarazi zizkieten bidean aurkitutakoei, pertsonak basapizti ala merkantzia gisa harturik.
2008an Gari Berasaluze getariarrak idatzi eta Dani Fanok ilustraturikoa da Elkanoz euskaraz dagoen liburu bakarra. Bere bizitza, ibilera eta espedizioei buruz dauden informazio iturri apurrak erabiliz, oso biografia gomendagarria da gaira hurbiltzen hasi nahi duenarentzat.
Kroniketan jaso zutenez, hilketak eta bahiketak usu gertatu ziren bidaian. Argentina hegoaldeko tehueltxeekin hartu-emana izan zuten lehen europarrak izan ziren. Patagon izena jarri eta "basati itxura" hartuta, otoitz egiten irakatsi nahi izan zieten, baita bi gatibu ereman ere Erregeari oparitzeko. Marianetako Guam irlan, Lapurren Uhartea deitu zuten horretan, 50 etxe eta kanoa erre eta zazpi lagun hil zituzten. Kronikak dioenez, "hangoek ez zituztenez geziak ezagutzen, erraz akabatu zituzten". Filipinetako Cebun, Gaztelako Erregeari men ez egiteagatik, Bulaia herria suntsitu zuten. Handik gutxira Magallanes hil zuten, inguru hartako indigenen aurkako eraso batean. Bruneitik pasatzean, asko hil eta 19 bruneitar esklabu eraman zituzten. Tartean, agintari postuan, Magallanes ordezkatu zuen Juan López de Carvalhok "beretzat" hartu zituen hiru emakume. Bost itsasontzietatik bakarra geratu zenenean, Elkano zen espeziaz goraino beteta zegoen Nao Victoriaren nagusi. Berarekin batera, 43 europar eta bateko eta besteko 13 bahitu zeuden. Cabo Verdera heltzean, Elkanok esklaboak erosi zituen itsasontziaren konponketetan laguntzeko.
Eta hala, hamaika pasarte lazgarriren ostean, 1522ko irailaren 6an heldu ziren Sanlucar de Barramedara. Hiru urte lehenago abiatutako 234 gizonetatik 18 baino ez ziren itzuli – lau euskal herritarrak ziren–. Tira, hori da historia ofizialak dioena, baina errealitatea da 21 pertsona itzuli zirela. Elkanok bidean gatibu ekarritako hiru indigena ere bizirik heldu baitziren. Nonbait bahitutako hiru "indiar basati". Historia eurozentristak izen, jatorri eta aurpegirik gabe utzitakoak.
Elkanok, ospeaz gain, onura ekonomikoa ere atera nahi zuen bidaiatik. Ondorengoa eskatu zion Carlos V.a enperadoreari: Gaztelako Armadaren beste espedizio batean kapitain izatea, Moluketan kolonizatutako lurretan gotorleku bat berari ematea eta Santiago Ordena militar eta erlijiosoaren zaldun izendatzea. Ez zuen horietatik ezer lortu. Urtean bostehun dukateko pentsioa eta bere armarrian primus circumdedisti me esaldia –egun Getariako sarreran irakur daitekeena– jartzeko baimena eman zion Gaztelako Erregeak.
Berriz itsasoratu aurretik, Indonesiako Molukak norenak ziren erabakitzeko portugaldarrekin izandako negoziaketetan parte hartu zuen Elkanok, Cristobal Colonen seme Hernandorekin batera Espainiaren interesak defendatuz. Ez zuten akordiorik lortu. 1525ean berriz abiatu zen Moluketara, bigarren kapitain gisa. Bidean hil zen Elkano. Kapitainek eta ofizialek marinelek baino hobeto jateko eskumena zutenez, haragi hobea zuten arrain tropikalek kutsatu zioten ziguatera gaitzak hil zuen. Itsasora bota zuten gorpua.
"Elcanoren espedizioa Espainiako Armadaren aparteko balentria izan zen"
Espainiako Erregearen hitzak dira, Elkanoren V. Mendeurrenari babesa adierazteko urtarrilean Madrilgo Zarzuelan egin zuten ekitaldian esandakoak. Espainiar nazionalismoari beti baliagarri gertatu zaion pertsonaia da Elkano, baita diktadura frankistari ere. Orduko Espainiako Inperioaren handitasuna iradokitzen duen elementu ororekin egiten duten gisan. Ikuspegi horretatik bakarrik uler daiteke, Espainiako Gobernuak Elkanoren V. Mendeurrena antolatzeko ardura Defentsa Ministeriori eman izana, kultura sailarekin batera. Sustatzen hasi diren Elcano markaren helburu politikoak oso argi azaldu zituen Odon Elorza diputatu donostiarrak bere blogean 2017ko azaroan: "Espainiako herrien historia komunaren pasarte garrantzitsu hau hauspotu behar dugu. Oso komenigarria da gogoraraztea euskal herritarrak izan zirela punta-puntako protagonistak, Espainiako Koroak sustatutako enpresa kolektibo horretan eta, oro har, Espainiako Erresumaren itsas-kanpainetan (militarrak)".
Espainiako Gobernuak "aparteko interes publiko" izendatu du mendeurrena eta pizgarri eta hoberi fiskalak eskaini dizkie –%90era artekoak– mundu birari buruzko ekintzak antolatu edo hedatuko dituzten elkarte eta enpresei. Elkanoren balentriak mundura saltzeko lehen proiektuetako bat martxan da jada: 25 milioi euroko aurrekontua duen Sin límites filma, The Hobbit eta Game of Thrones superprodukzioetan aritutako profesionalekin, Simon West ingelesaren zuzendaritzapean. Miguel Menéndez de Zubillaga filmaren ekoizle bilbotarraren hitzetan, "Elkano da Espainiako konkistatzailerik garbiena, ez baitu alde negatiborik. Ez zuen ezer txarrik egin, aurkitzaile bat izan zen, heroi outsider bat da, Blas de Lezo eta Don Pelayoren parekoa. Ez dugu lan historikorik egingo, abentura eta akziozko filma izango da".
Paraleloki, Andaluzian eta Euskal Autonomia Erkidegoan mendeurrenari heltzeko ekimen propioak sortu dituzte.
Elkanoren marrazki edo erretraturik ez da gugana heldu. Beraz, beste pertsonaia historiko askorekin bezala, bakoitzaren interesen arabera gorpuzten da Elkano. 2016ko maiatzean Getariako Balentziaga museoan gisa horretan irudikatu zuten. Errenazimenduari lotutako estetika erabili zuten, Shakespeare izan zitekeena, jakinduria eta kezka unibertsalekin lotzeko asmoz. Irudian: Markel Olano, Iñigo Urkullu eta Nika Lertxundi "Munduari lehen bira - Elkano 500" ekitaldi instituzionalean.
Argazkia: Irekia - Eusko Jaurlaritza
"Elkanok ordezkatzen du euskaldunok izan ginena eta egun garena"
'Mundu bira 500: Elkano Fundazioa' iazko uztailean sortu zuten, eta ordutik lanean ari da. Ondorengoek osatzen dute patronatua: Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Arantxa Tapia, Kultura sailburu Bingen Zupiria, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olano eta Gipuzkoako Kultura eta Turismo saileko buru Denis Itxaso, Urola Kostako Mankomunitateko lehendakari Igor Iturain, Getariako Aitor Urresti (EAJ) eta Floren Iribar (EH Bildu) zinegotziak eta Nikanor Lertxundi alkatea. Fundazioak langile bakarra du momentuz, zuzendari lanetan ari den Ion Irurzun, aurretik Gipuzkoa Berritzen egitasmoan aritua.
Irurzunen hitzetan, fundazioak orain dela 500 urteko sakoneko kontuei jarriko die azpimarra. Adibidez, "orduan itsasontzien %90 hemen egiten zirela edota euskal marinelek mundu zabalean izan duten izen ona; euskaldunok itsas-kulturarekin dugun harremana landu eta zabaldu nahi dugu eta Elkanorena hito bat da, marka bat". Ikerketa sustatzea, Elkanoz gehiago jakitea, lehen zeregin handietako bat izango dutela dio, "aurreiritzirik gabe". Horretarako, fundazioaren aurkezpenean adierazi zutenez, "kultura, turismoa, industria, merkataritza eta hezkuntza arloen sustapena izango du xede eta ardatz, Getariako marinelak egindako balentria balioan jarriz".
Xabier Alberdi: "Aparteko enpresari gisa ikusten dut Elkano, ADEGIko presidente baten antzera. Arrakasta nola edo hala lortzeko zer egin behar den pentsatu eta esango duen Jose Luis Korta bat"
Fundazioak bere egin duen ikuspegi historiko eta diskurtsoaren egile eta dibulgatzaile nagusietako bat Xabier Alberdi historialari zarauztarra da. Donostiako Ontzi Museoko zuzendari zientifikoa eta Pasaiako Albaola Faktoriako ikerketa burua da. Albaola ezagun egin da azken urteotan itsas-kulturan eta horren bueltako garapen teknologikoan euskaldunok munduan izan dugun aparteko garrantziaz egindako dibulgazio lanarengatik. Juan Sebastian Elkano ere diskurtso horretan txertatu dute Alberdik eta Mundu Bira Fundazioak orduko euskal gizonen itsas-balentrien ikur gisara aurkeztuz. 2017ko uztailean Deia ri eskainitako elkarrizketan hala definitzen zuen Elkano: "Estratega handi bat, aparteko enpresari gisa ikusten dut, ADEGIko presidente baten antzera. Abentura sena duen ekintza gizon bat. Arrakasta nola edo hala lortzeko zer egin behar den pentsatu eta esango duen Jose Luis Korta bat. Ez gara jabetzen Elkanok egin zuenaren tamainaz eta gainera euskaldunok ez dakigu gure burua saltzen". Mundu biraren mendeurrenaren garrantziaz galdetuta, ondorengoa zioen Alberdik Diario Vasco n 2016an: "Nazio garatuek badute prestigiatze politika bat. Herri batek atzerrian negozioak egin nahi baditu, ez da gauza bera herri prestigiotsua izatea ala herri ezezaguna izatea". Alberdik azaldutako apustu horren erakusgarri, Albaolak Elkanoren Victoria ontziaren erreplika egiteko enkargua jaso du, Gipuzkoako Aldundiak eta Pasaiako eta Getariako Udalen bermearekin.
Baina kontakizun epiko horretan Elkanok badu "berezitasun bat". Gauza bat da euskaldunek itsasoz lurralde urrunetara heltzeko garatu zuten gaitasuna eta industria goratzea, arrazoia izanik Kantauriko baleak ia desagerrarazi arte akabatu zituztelako. Baina oso bestelakoa da euskaldunon enbaxadore bilakatu nahi izatea kulturak eta herriak odolusten inoiz izan zen Inperiorik eraginkorrenetako baten langile leiala.
Marketinak nekez estaliko ditu horren kontraesanak. Adibidez, hala zioen otsailean Aitzol Azurtza euskal diasporako kideak Berria n: "Euskal herritarrentzat Elkano heroi abenturazale ausartaren eredua izan daiteke, baina diasporan bizi garenok ezin dugu Elkano eredutzat hartu, espainiar konkistatzaile itxura duelako". Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko Eusko Jaurlaritzak irailaren 8a –Elkano eta gainontzeko itsasgizonak Sevillara iritsi zireneko data– hautatu izanaz kexu zen.
Lau urtean behin "Elkanoren lehorreratzea" antzezten dute getariarrek, orain 500 urte San Lucar de Barramedan ustez gertatutakoa oinarri hartuta. Herriko seme kuttunaren goratze kolektiboa da, bidaiaren sufrimendu, epikotasun eta ondorengo Gaztelako Inperioaren aitortzan arreta jarriz. Folkloretik gehiago du irakurketa historiko edo hausnarketa kontzientetik baino. Getarian oso errotuta dagoen itsas-kulturaren ikur da Elkano, eta beraz, oro har, getariarrentzat ohore handia da tripulazioko kide gisa aritzea. Antzezle nagusiak zozketaz hautatzen dira herritarren artean, baina protagonista nagusiak, 18 marinelen papera–gatibu ekarritako hiru indigenak ez dira agertzen–emakumeek ezin dute egin, "pertsonaia historikoen generoari" eusteko. Abuztuaren 7an izango da aurtengo edizioa.
Argazkia: Irekia - Eusko Jaurlaritza
Klase politiko osoak erosi du bertsio akritikoa
Gerratik eta konkistatik urrunarazitako Elkanoren bertsio idiliko hori bere egin dute erakunde publikoek, EH Bildutik PPra arteko babesarekin. 2015ean Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen EAEko erakunde publikoek mendeurrenari garrantzi estrategikoa ematea eta Euskal Herria mundura zabaltzeko Elkanoren figura baliatzea. Onartutako testuan, zein alderdien hitzartzeetan, ez da Elkanok Espainiako Inperioaren zerbitzura egindakoari buruzko aipu kritiko bat bera ere agertzen. EAJ, PSE-EE, EH Bildu, PP eta UPyDk bat egin zuten. 73 bozka, 73 alde. Parekorik ez duen kontsentsu politikoa gaur egunean ere hainbeste ika-mika eragiten duen garai ilun horien inguruan.
"Mezu ofizialari darion eurozentrismoaz" kritiko mintzo da Miguel Jimenez Getariako historialaria. "Beti aipatzen dute zer nabigatzaile onak ziren eta zer gaitasun handiak zituzten. Baina gizon zuri europarrak ez diren guztiak, masa indigena eta emakumeak adibidez, bigarren mailako bilakatzen dituzte kasurik onenetan, eta anonimo kasu gehienetan. Lehen eta orain".
Gerratik eta konkistatik urrunarazitako Elkanoren bertsio idiliko hori bere egin dute erakunde publikoek, EH Bildutik PPra arteko babesarekin.
Idoia Arrieta historialari getariarrari lotsagarri egiten zaio orain 500 urte egindakoa justifikatzeko orduko testuingurua ezberdina zela argudiatzen dutenean. "Gaur egun ere testuingurua existitzen dela ahazten zaie, gerrak nonahi daude eta denok ez gara gerrazaleak, denok ez goaz munduko beste puntara jendea hiltzera boteredunen interes ekonomiko eta politikoen mesedetan. Gerra Zibila ere justifikatuko dugu? Itsasontzian hainbat emakumezko sexu-esklabo izateko bahitu izana ere ulertu beharko dugu? Non dago muga?". Jimenezen ustez, orduan egindakoak bakarrik har daitezke normaltzat mentalitate konkistatzaile baten arabera, "orduko eskema mental berdina errepikatzen ari dira orain, Elkanok eta enparauek globalizazioa eta garapena ekartzen lagundu zutela diote. Galdeiezu, esaterako, Patagoniako jatorrizko herriei Mendebaldeak eroandako garapenaz".
Elkano ez da Agirre, Cortes edo Pizarro
Gerra eta bortxatik aparteko kontakizuna sortzeko Elkanoren bidaiaren helburuak merkataritzarekin lotu dituzte. Baina hori zalantzan ipintzen duten datu esanguratsuak daude. Batetik, bidaia egiteko eraman zuten ekipamendua. "Magallanesek eramandakoa eta Hernan Cortesek –konkistatzaile genozida izan zela inork ezbaian jartzen ez duen bat aipatzearren– erabilitakoa paretsuak ziren", dio Arrietak. Berpasa dezagun Magallanes eta Elkanoren bost itsasontzietan kargatutakoa, horren datu zehatzak baitaude. Bi urtetarako elikagaiak eta itsas-tresneriaz gain, "indigenak limurtzeko" labanak, ispiluak, guraizeak, orraziak, zapiak eta lepokoak. Eta amarru horiek funtzionatzen ez dutenerako: 110 artilleria pieza, kanoiak, falkoiak, bonbardak, sutautsa, 50 eskopeta, 60 balezta, 1000 lantza, 360 dozena saieta, 95 dozena dardo, eta gerrarako beste hainbat tresna eta arma.
Bestetik, Amerikako kolonietako merkataritza monopolioa kontrolatzeko eratu zuten Errege Katolikoek Indietako Kontratazio Etxea, eta haren bitartez lotu zuten Elkanoren espedizioa. Helburu zehatza ezarri zien itsas-gizonei: bidean aurkitutako "landare, animalia eta gizaki berriak" ekartzea.
Eta azkenik, Carlos V. Erregeak Magallanesekin adostutako kontratuaren ezaugarriak, kapitulazioak, oso esanguratsuak dira. Hala dio, bidaian "konkistatutako lurren gobernadore eta 'adelantado' izango dira espedizioko buruak". Ohiko sari bat da orduko kanpaina militarretan. "Lurralde berriak erregearen menpe jartzeari kolonizazioa deitzen zaio. Elkanoren espedizioaren helburua ez zen merkataritza bakarrik, argi eta garbi", dio Idoia Arrietak.
Ameriketako konkista eta genozidioaz historia ofizial eurozentristak idatzitako bertsio interesatua kritikatzen duen marrazki ezagun bat.
Historia, prêt-à-porter
1992an, Cristobal Colonen bidaiaren bosgarren mendeurrenean, Espainiako Gobernuak "Amerikako Aurkikuntza" ospatu zuen, eta ez Amerikako Konkista. Ez da kasualitatea. Iragana norberaren interes politiko, ekonomiko, etiko edota estetikoen mesedetara nola erabili azaltzen duen adibide gordina da. Mendeurrena mundu ikuskera zehatz bat haizatzeko baliatu zuten, baita, ondoren argi geratu zenez, diru publikoa esku pribatuetara pasatzeko negozio borobila egiteko ere.
Idoia Arrietak bizirik dagoen barne ikuspegi gisa ulertzen du historia, eta horregatik "etorkizunari begirako proiektu bat dutenak, beti saiatuko dira iraganaren ikuspegia haren arabera moldatzen". Baina asmoa ospea edo etekina lortzea bada, boteretik gertuko ildo nagusia ezinbestean jarraitu beharko dutela dio. Horregatik, bere esanetan, Elkano batzuentzat garrantzitsua izango da "kontinenteen arteko harremana" sendotu edo "merkataritza sareak" sortu omen zituelako, baina "nik ikusten dudana da suntsipena, konkista eta bortxaketa. Mundu berri hobe bat irudikatu nahi badugu, niretzat Elkano ez da erreferentea".
Idoia Arrieta: "Nik suntsipena, konkista eta bortxaketa ikusten ditut. Mundu berri hobe bat irudikatu nahi badugu, Elkano ez da erreferentea"
Historiografia nagusiak inperioen, estatuen eta aberastasun metaketaren inguruan ardaztu dira. Euskaldunok ere ez dugu gure historia idatzi. Urte luzez beste inperio eta estatu batzuen menpe egotearen ondorioetako bat da. Bertoko lurrak eta jendeak ustiatu dituzten agintariek gutaz idatzitakoak izan dira gure ispilu. Azken urteotan, baina, gure historia berridazteko saiakerak ugaltzen ari dira, eta horietako batzuk, bestelako ikuspegietatik lantzen ari dira, historia ofizialak ahanzturara zigortutakoak berreskuratuz. Elkanoren inguruan ardazten ari diren mezu nagusiak, ordea, izan bertsio espainiar supremazista ala euskaldun heroikoan, ez dirudi bide horretatik joko duenik.
Kontua ez da orain 500 urte batzuek egindakoaren errua gure gain hartzea 2018an. Ez da damu kontua. Galdera da iraganean gertatutakoa zertarako baliatu orain. Hori baita askorentzat historiaren funtzio nagusia: etorkizun justu, inklusibo eta solidarioa eraikitzeko heldulekua, norberaz ikasteko eta hobetzeko ispilua. Bide horretan ez bada inor baztertu nahi, ezinbestean, ariketa dekoloniala presente egon beharko litzateke. Historia ofizialaren pariak erdira ekarriz, emakumeak, jatorrizko herriak eta "Mundu Berriaren Aurkikuntza"ren kalteak gaur egunera arte sufritu dituztenei ahotsa emanez. | news |
argia-0be3789205f0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/gorka-menendez-baceta-sendabelarren-transmisioan-katebegi.html | "Superstizioak badu azalpen zientifikorik" | Ander Perez | 2018-07-29 00:00:00 | "Superstizioak badu azalpen zientifikorik"
Sendabelarrak ezagutu, bildu eta horiekin ukenduak prestatu. Prozesu osoa bildu du UEUk, berriki Iruñean egindako ikastaroan. Teknikotik bezainbeste izan du ordea gogoetatik. Sendabelarrez hitz egiteak, izan ere, herri medikuntzaz eta medikuntza ofizialaz –eta haien arteko talkez– hitz egitera baitarama. Galdera batek biltzen du eztabaidaren muina. Eta hori eraman dute ikastaroaren izenburura.
"Zientzia ala superstizioa?". Horrekin abiatu zenuten UEUko ikastaroa.
Galdera horrek tranpa du, superstizioa zientzia delako ere bai, plazeboaz ari garenean. Herri medikuntzan badira osagai materialik ez duten erritualak, osagai sinboliko edo magikoak dituztenak, eta horietan, baina baita gaur egungo medikuntza sisteman ere, plazeboa existitzen da. Plazeboa, esanahiez, edukirik ez izan arren eragin bat daukana da. Antropologiak zehaztu du plazebo baten edukia ez dela kimikoa, baizik eta kulturala: esanahia da eragiten duena. Mediku batek pilula bat ematerakoan, pilulak gure testuinguru kulturalean duen esanahiak eragin bat du pazientearen testuinguru psikologikoarengan, eta horrek erantzun fisiologiko bat eragiten du. Superstizioak, beraz, badu azalpen zientifiko bat. Egia da gaixotasun askorentzat, edo gehienentzat, plazeboak soilik ez duela balio. Baina gaur egungo ospitaletan pailazoak joaten dira umeei txisteak kontatzera. Hori plazeboa da, ez baitu inolako konposizio kimikorik. Kulturala da: pailazo bat ikusteak umea pozten du.
Sendabelarrek, beraz, bietatik dute, kimikotik eta kulturaletik?
Sendabelarrak farmakoak dira, elementu neutroak. Edozein medikuntza sistematan, dela medikuntza ofiziala, dela herri medikuntza, dela medikuntza txinatarra, landarea elementu neutrala da. Kontua da landare hori nola erabiltzen dugun, bere konposizio kimikoaren arabera, edo bere esanahaiaren arabera. Batzuetan alderdi batek dauka garrantzi handiagoa, eta besteetan besteak.
"Esparru zientifiko-akademikoan ari dira pausoak ematen, plazeboaren mekanismoak zeintzuk diren ulertu ahal izateko. Azkenean, zein da plazeboaren arazoa? Funtzionatzen duela"
Naturalak dira, inguruan aurki daitezke.
Bai, baina pilula bat ere petrolioarekin egiten da, eta petrolioa ere naturatik dator. Landare askok, gainera, hil zaitzakete, janez gero. Beraz, naturala... Niretzat beti dago auzitan natura-gizakia dikotomia, ez du ekarpenik egiten. Tira, ongi dago baten batek gauza naturalekin kontu mistiko edo erlijiosoa badauka, baina bestela, ez du beste inolako ekarpenik.
Gurean, baserri gizartean erabiltzen ziren. Zer testuingurutan?
Nik emandako ikastaroa [XX. mendeko] 20ko eta 40ko hamarkaden artean jaiotako jendeari egindako elkarrizketetan oinarritu genuen. Ez zen errepiderik, ez elektrizitaterik, ez urik. Medikuak ez ziren etxeetara joaten, ospitalerik ez zegoen, eta dirurik ez zuten merkatuetan erosteko. Baldintza horietan, sendabelarrak garrantzitsuak ziren, ez zegoelako besterik.
Zer geratzen da medikuntza horretatik?
Testuinguru materiala, baita kultural eta soziala ere, guztiz aldatu da, eta beraz, aldatu da gaixotasunak ulertzeko era ere. Zahar askok diotenez, penizilina iritsi zenean utzi zitzaion belar asko erabiltzeari. Askok esango dute hor konspirazio bat dagoela, baina argi dago jendeak funtzionatzen zuelako erabiltzen zuela penizilina. Baina egia da sendabelarren galeran asmo politikoa ere egon dela: estatua bilakatzen denean gizartearen osotasuna kudeatzeko egitura, behar du pertsonen bizitza kontrolpean izan. Hala ere, ezin da ukatu medikuntza modernoak lehen ez zeuden erantzun asko eskaini dizkigula, eta erantzun hobeak.
"Medikuntza alternatiboetan dagoen arazo handi bat da ez dagoela metodologia argirik erremedio batek balio duen edo ez zehazteko". (Argazkia: Josu Santesteban)
Zein zen sendabelarren erabilera?
XX. mende hasieran behintzat, oso larriak ez ziren gauzetarako erabiltzen ziren: liseriketa aparatuarekin lotutako arazoak, azaleko kontuak... Sendabelarrek etxeko botikina osatzen zuten, eta horrek garrantzia du, gaur egun ere balioko ligukeelako: osasun arazo gehienetarako ez gara joaten ospitaletara, baina bai farmazietara, gure inguruan eduki ditzakegun gauza asko erostera: zauri bat osatzeko zerbait, tripako min bat, katarro bat...
Zer ikasi lezake medikuntza ofizialak herri medikuntzarengandik?
Medikuntza ofizialak ere erabiltzen ditu sendabelarrak. Ume nintzenean eukalipto lurruna ematen zidan amak, medikuak aginduta, eta medikuak esan dezake "hartu mantzanilla bat", edo "hartu aloe vera", erredura batentzat. Horregatik dira elementu neutralak. Medikuntza ofizialak ez daukana eta herri medikuntzak bai osasunaren autogestioaren perspektiba da. Herri medikuntzak bazuen hori, agian besterik ez zelako. Egun, ordea, egitura batzuek ordezkatu dute gizarte osoa eta ez dugu kontrolik gure gorputzetan.
Mesfidantza eta kritika iturri izan ohi dira medikuntza alternatiboak. Zer dela eta?
Esparru zientifiko-akademikoan ari dira pausoak ematen, plazeboaren mekanismoak zeintzuk diren ulertu ahal izateko. Azkenean, zein da plazeboaren arazoa? Funtzionatzen duela. Kontua da, askotan, sasimedikamentu batzuk aldarrikatzen direla, funtzionatzen ote duten jakin gabe. Medikuntza alternatiboetan dagoen arazo handienetako bat da ez dagoela metodologia argirik erremedio batek balio duen edo ez zehazteko. Medikuntza ofizialak hori argi adierazten du, badu metodologia bat, eta bat etorriko gara edo ez, baina argi dago zerbaitek funtzionatzen duen ala ez. Besteetan ez dago hori, eta hortik mesfidantza. Azkenean, medikuntza sistema batean, garrantzitsua da egia erroan egotea. | news |
argia-04491e212f5e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/ernai.html | "Prekarietatea inposatu nahi dute gobernantza modu gisa" | Lander Arbelaitz Mitxelena | 2018-07-29 00:00:00 | "Prekarietatea inposatu nahi dute gobernantza modu gisa"
Ernaik Oraina Borrokatzeko Koordenadak, Euskal Herria zerumuga berri baterantz liburuxka kaleratu du. Lur Albizu Etxetxipia (Artazu, Nafarroa, 1993) eta Asier Zamorano Arri (Algorta, Bizkaia, 1993) batu ditugu. Liburuxka "inkonformismo garrasia" dela diote, Euskal Herrian Bizi dinamikaren markoa izan asmo duena. Pare bat urterako lanketa gisa ikusten dute.
Amaiera aldera diozue: "Gure bizitza hitz batekin definitu beharko bagenu, prekarietatea litzateke aukera egokiena, bizitza esparru guztiak zeharkatzen dituen elementu zentrala da". Hainbesterako al da?
L. Albizu: Hori txostenaren laburpenetako bat da: bizi prekarietatearen ideia. Prekarietatea lanari lotuta bakarrik ulertzen dugu askotan, baina gure bizitzaren alde guztiak zeharkatzen ditu. Gure bizi proiektua garatzeko ditugun zailtasunak ere badira prekarietatea.
A. Zamorano: Helduleku eza edo ezegonkortasunaren ideiarekin lotzen dugu. Aisiaren eremuan, harremanetan, emantzipazioan eta abarretan ezintasuna dugu bizi proiektu bat irudikatzeko, horrekin lotu nahi dugu.
Hasieran aztertzen dituzue "Kapitalaren Europa", politika neoliberalak, Espainiako Estatuaren jarrerak eta "eusko labela duten politika atzerakoiak". Indartsu ikusten duzue eredu politiko hegemonikoa?
A. Zamorano: Bai. Kapitalismoaren munstro erraldoia dugu aurrean, neoliberalismoaren fase basatian. Estatu batzuk inoiz baino ahulagoak eta otzanagoak dira elite ekonomiko eta finantzarioarekiko. Hala ere, uste dugu bide propioak eraiki daitezkeela txikitik planteatuta, lokaletik. Tokiko eredua garatu behar dugu herrigintza ikuspegitik. Abaniko zabala irekitzen du honek alternatibak eraikiz munstroari aurre egiteko. Herri egitasmoa edo herri proiektua eraiki behar dugu. Bidea oso zaila eta iluna izango da, baina gure ustez itxaropentsua ere bai, aukera askorekin.
Argazkia: Dani Blanco
"Azken mendeetan beren gurasoak baino okerrago bizitzera kondenatu nahi gaituzten lehen belaunaldia gara" edo "aurpegira barre" egiten ari zaizkizuela diozue. Halere, kosta egiten al da gazteria kalera ateratzea?
L. Albizu: Alde batetik, paradigma aldaketa bizitzea tokatu zaigu. Gezur handi batean hezi gaituzte. Prekarietatea ez da orain etorri, baina gauza asko klak egiten hasi dira. Neoliberalismoaren fase honetan apenas dago heldulekurik. Eta gazteak kalera ateratzeaz asko hitz egiten da, heldu askok diote ez dituztela kalean gazteak ikusten, nahiz eta ikusten dituztenean ez duten ezer esaten. Gazteriari lotutako klixe hori beti hor da, hori apurtu behar dugu ez baita egia eta etsipenerako joera eragin dezakeelako. Demografikoki ere begiratu behar da, egun askoz gutxiago baikara gazteak kopurutan. Beste gauza bat da zein klabetan ateratzen garen kalera. Azken aldiko mobilizazioak oso gazteak izaten ari dira, antolakuntzak barne. Mugimendu feministaren deialdiak adibidez oso gazteak dira.
Zer gertatzen da jendea masiboki ez kalera ateratzeko?
Asier Zamorano:
"Ikasi behar dugu moldeak, diskurtsoak eta praktikak garaiari egokitzen"
A. Zamorano: Batetik, analizatu behar da neoliberalismoak bultzatua gazteok pairatu dugun indibidualismo prozesu izugarria. Egun ez dago gazte sare bat, subjektu bat egituratuta, mugimendu feminista egon daitekeen gisan. Urteetan landu dute eta orain fruituak era masibo batean ematen ari da. Gazteen esparruan ez daukagu halako lanketarik egina. Gure erronketako bat hortik doa. Bestetik, garaiak aldatzen doaz, testuingurua eta joerak aldatzen doaz, eta ikasi behar dugu moldeak, diskurtsoak eta praktikak garaiari egokitzen gazteria kalera ateratzeko.
Krisia diozue politika neoliberalak aplikatzeko iruzurra dela. Pribatizazioak egiten ari direnekin kritiko zarete. Nola defendatu esparruok? Osasuna, hezkuntza edo etxebizitzaren esparruetan Ernaik egindako ekimen batzuk aipatzerik bai?
A. Zamorano: Egia esan, autokritika egitea garrantzitsua da. Nire ustez, azken urteetan ez diogu egoera gordin honi heldu eskatzen zuen indar eta iniziatibarekin. Hezkuntzaren esparruan gauza gutxi egin dugu azken aldian. Aldi berean, etxebizitzaren esparruan egin diren esperientzia interesgarri ugari etortzen zaizkit burura, maila lokalekoak gehienak, Gasteizen eta Donostian adibidez, ez dutenak horrenbesteko oihartzunik izan. Eta enplegu politikei batez ere bestelako espazioetatik lan eginez erantzun diegu, talde prekarioekin lan eginez eta beste. Orain hasi gara diskurtso egituratuagoa jendarteratzen.
Argazkia: Dani Blanco.
Nola bizi duzue borroka feministaren sendotzea?
Lur Albizu:
"Borroka feministaren eragina oso handia da, eta esango nuke identitate militantean aldaketa handia ekarri duela, batez ere emakumeontzat, identitate feministatik lotzen baikara borrokara emakume asko"
L. Albizu: Ernai sortzeko ZukGua prozesuan oinarriez eztabaidatu genuen 2013an, eta gure arteko borroka gehiago edo gutxiagorekin, erabaki genuen independentzia, sozialismoa eta feminismoa izango zirela helburu estrategikoak. Argi islatzen du horrek zer nola aldatu den gauza, zein lehentasun ematen zaion borroka feministari egun. Urrats feministak egiten ari gara barne mailan. Borroka feministaren eragina oso handia da, eta esango nuke identitate militantean aldaketa handia ekarri duela, batez ere emakumeontzat, identitate feministatik lotzen baikara borrokara emakume asko.
Eguneroko prekarietateak, parte-hartze politikorako denbora faltak eta bestek beldurrak eragiten dituela irakurri dizuet. Nondik ikusten duzue bidea?
A. Zamorano: Zaila da. Argi eduki behar dugu eguneroko praktikan dagoela gakoa, ez dago kristoren jendetza mugituko duen dinamika magikorik. Eremu ugaritako gazte sektoreak aktibatzea da asmoa, eremu lokalean gazteon problematika hurbilenetatik eutsiz gaiei. Gure txikitasunetik, Euskal Herrian Bizi dinamika honek herri eta gazte sektoreetan akuilu izan nahi du. Harreman sarea zabaltzen joan nahi dugu gazte problematika erdigunean jartzeko, ziurgabetasun egoera honetan mahai gainean ziurtasunak jartzeko. Horietako bat da hemen gazteriak baduela gaitasuna gauzak beste modu batean kudeatzeko eta ahots propioa izateko.
Argazkia: Dani Blanco
Lur Albizu: "Indibidualizaziorako joerak min handia egin digu"
L. Albizu: Kolektibotasuna azpimarratuko nuke. Sarerik ez den lekuetan nola eraiki hauek? Nola egin aurre fragmentazioari? Indibidualizaziorako joerak min handia egin digu.
Eskola elitearen zerbitzura dagoela diozue. Zertan islatzen da hori?
L. Albizu: Fabrika formako eskola horietan sistema kapitalistaren zerbitzura egongo den ikasleria produzitzea bilatzen da. Unibertsitatean, azken urteetan eman diren erreformekin gauza bera: Boloniako prozesuarekin ikasketen merkantilizazioa bultzatu zuten, tasak igo, unibertsitatea elitearentzat egin geroz eta gehiago, masterrak ia derrigorrezko egin... Lan merkatura zuzendutako prozesua da hezkuntza. Erreformei lotuta, LOMCEk ikasleen espainolizazioan sakontzen du, gure curriculuma ez da hemen erabakitzen, errebalidek geroz eta jende gehiago kanporatzen dute. Lanbide heziketan ere erreformak egiten ari dira esku lan merkea sortzeko.
Argazkia: Dani Blanco
Zuen hitzetan eusko labela jarri dioten iruzurra da Heziberri 2020 plana.
A. Zamorano: Nahiz eta hitzak aldatu, gauza beraren inguruan ari dira. Beren politiketan ikusten da. Hezkuntzari lotuta komunitatearen tradizioa oso errotua dago hemen, eta hezkuntza komunitateak planteatzen dituen beharren aurrean, LOMCEren kopia den Heziberri aurkeztuz eta lau hitz aldatuta erantzun diote EAEn agintariek. Ez da hori gure herriak duen beharra, kontrakoa baizik. Herri honek hausnarketa sakonagoa behar du gure hezkuntzaren inguruan, orain arte daukaguna eraldatzen jarraitzeko. Bide luzea egin dugu, ikastolena adibidez. Egun, publiko eta pribatuaren inguruan dagoen eztabaidan sakondu behar dela uste dugu, eta ez kontrakoa egin. Guztiz errefusatzen dugu Heziberri eta aldarrikatzen dugu ikasleak kalera atera behar direla plan hauen aurka.
Azken urteetan hartutako erabaki politikoen ondorioz, gazteen egoera larria dela salatzen duzue: soldata baxuagoak, langabezia tasa altuagoak, enplegua lortzeko zailtasunak... nora doa hau?
Lur Albizu:
"Ez ditugu ezagutu lanarekin lotutako eskubideak, lan erreformen seme-alabak gara"
L. Albizu: Ez dakigu nora doan. Enpleguari lotuta, pobrezia tasetan mugitzen gara gazteok eta gainera krisiaren belaunaldia gara. Ez dugu ezagutu krisiaren aurreko egoera. Ez diot garai hartara itzuli behar dugula, baizik eta ez ditugula ezagutu lanarekin lotutako eskubideak, lan erreformen seme-alabak garela. Joerak bera izaten jarraituko du, baina horri borrokarako beste modu batzuk eskaini behar dizkiogu. Askotan saldu nahi digute grebek eta mobilizazioek ez dutela ezertarako balio, baina azken hilabeteetan ikusi ditugu langileen garaipen batzuk. Horrekin jarraitu behar dugu. Sindikatuekin atxikimendu txikia duen belaunaldikoa gara, eta erreformei aurre egitea da gure erronka.
A. Zamorano: Prekarietatea besterik gabe datorren zerbait bezala lotu izan da, baina pixkana fasea luzatzen doa. "Bizpahiru urteko kontratu prekarioa eta gero lan finkoa izango duzu ziur". Gezur hori saldu izan digute. Hori luzatzen doa. Egun bost, sei, zortzi, hamar urte arte prekarioa zara. Pixkana irudikatzen doa eliteen politika egiteko modua zein izango den: prekarizazioa inposatu nahi dute gobernantza moduan. "Nola gobernatuko ditugu herriak? Prekarietatearen bidez". Lan baldintzak kaskartu eta helduleku gutxiago irudikatu jendearentzat. Egoera ez bada aldatzen, gure bizitzetan prekarietate kronifikatua sartu nahi dute.
Argazkia: Dani Blanco
L. Albizu: Mentalki ere normalizatua izatera heldu daiteke. Lagun arteko elkarrizketetan lana izatea, nahiz eta soldata miserable batekin izan, ia pribilegio gisa ulertzen da. Hor txoke handia dago belaunaldien artean.
Hego Euskal Herriko bataz besteko soldata gordina 14 pagako 1.926 euro da, 25 urtetik behera, ordea, bataz beste 14 pagako 895 euro da. Gazte asko pobreziaren mugatik behera dira. Hala ere, zuek uste, pobre gisa ikusten dutela bere burua egoera horretan dauden milaka eta milaka gaztek?
L. Albizu: Ez. Zure burua pobre gisa ikustea beste prozesu bat da eta ez naiz azaltzeko gai. 895 euroko soldata ez dugu pobre gisa hartzen. Nire amak eta aitak hori pobre baten soldata dela ulertzen dute, baina guk ez. Iruditzen zaigu 1.000 eurotik gertu dagoela, bizi gaitezkeela. Soldata duinak izan ditzaketenei pribilegiatu deitzeko joera dago, hor borrokatzeko asko daukagu.
Emakumeen soldatak gizonezkoenak baino %29 txikiagoak dira Nafarroan, EAEn %24. Bada errua emakumeei botatzen dienik.
L. Albizu: Pobreziaren aurpegi garrantzitsua emakumeona da. Guri lotzen zaizkigun enpleguak askoz prekarioagoak dira, lan erreproduktiboekin lotuta daude, lan desprestigiatuekin. Legezko proposamenetan zerbait egin behar da soldata arrakala mozteko.
Kalitatezko enplegua sustatu beharrean, formazio kontratu prekarioetara bideratzen dira diru-partidak diozuenez. Langileen Autodefentsa sareetan parte hartzen ari zarete. Zer balorazio egiten duzue?
A. Zamorano: Glovo eta halako enpresa batzuk agertu izana, gobernantza formaren parte da. Lan oso prekarioak dira. Gainera esango dizute zuk zure bizitza gobernatzeko modua dela eta, ez da batere horrela. Prekarizazio hori muturrera eramateko gezurrezko lanak dira, eta gainera autonomo zara, zuk ordaindu behar duzu gizarte segurantza eta beste. Horrelako lanek deitu dute arreta, muturrekoak direlako. Prekarietatean aurkako taldeetan Ernaiko kideok aktiboki parte hartzen dugu, prekarietatearen aurka borrokatzea estrategikoa delako. Ez delako enpleguarekin lotutako gauza bat bakarrik, gure bizitzak zeharkatzen ditu. Espazio horiek sortzea, gazte langileen arteko babes mekanismoak sortzea, ezinbestekoa da kontuan hartuta gaur egun ez dugula bermerik esateko ez dela errepikatuko alboko lantokian. Zure arazo indibiduala kolektibizatzeko balio dute, baita subjektua berrosatzen jarraitzeko ere.
Europa Iparraldeko gazteak 20 urterekin emantzipatzen dira bataz beste, Europan 26 urterekin, Hego Euskal Herrian 30 urterekin. Nola konpondu hau?
L. Albizu: Zirkulu biziatua da. 885 euroko soldatarekin nola lortu etengabe igotzen ari den alokairua eta gastuak ordaintzea? Euskal Herriko hiriburuetan espekulazio horrek ez du mugarik, ia ezinezko egiten da gurasoenetik ateratzea. Horri gehitu ikastaldia luzatzen ari dela, prozesua askoz luzeagoa dela eta lan batzuetan masterra eskatzen dizutela. Dena berandutzen eta garestitzen doa, eta horrela emantzipatzea oso zaila da.
Argazkia: Dani Blanco
EAE eta Nafarroako Etxebizitza Legeak Madrilek atzera bota ditu. Ez al zaizue iruditzen pedagogia independentistarako erregaia direla halako gertaerak, eta ez garela gehiegi lantzen ari?
Lur Albizu:
"Pedagogia independentistarena gainditu gabeko asignatura da azken urteetan, askoz gehiago egin genezake"
L. Albizu: Nafarroako egoeraz hitz egingo dut. Bertan behera utzita dago Etxebizitza Legea beste 17rekin batera. Neurri batzuk uzkurrak dira, baina aldi berean honek dio bankuei etxe hutsak desjabetu ahal zaizkiela. Jakinik azken urteetan etxegabetzeen kontura sentsibilizazioa zabaldu dela, nola egin tekla hori jotzeko burujabetza prozesuan? Pedagogia independentistako beharrezkoa da, gainera, beste hamaika legerekin ere lotzea. Gainditu gabeko asignatura da azken urteetan, askoz gehiago egin genezake. Askotan oso objektiboak diren elementuekin lotzen dugu, baina nik uste elementu subjektibo piloa falta zaizkigula. Pizgarri izan daitezkeen kontuak.
Liburuxkan pare bat aldiz aipatzen duzue agintean "erregimen ustela" dagoela. EAJk duen botere instituzionala kontutan hartuta, erregimenaren parte hartzen duzue?
Asier Zamorano:
"EAJ erregimenaren parte? Bai, guztiz. Beren politikak sare klientelarra elikatu eta etekinak irabazteko bideratuta daude bakarrik"
A. Zamorano: Bai, guztiz. Eliteek erabaki eta planifikatzen dutena eskala guztietan aplikatzen digute, Bruselatik hasi, estatuetatik igaro eta bertako agintarietaraino. EAJ horren adierazle nagusia da, EAEn bederen. Bere politikak sare klientelarra elikatu eta etekinak irabazteko bideratuta daude bakarrik: etxebizitza, enplegua, hezkuntza... Ustelen erregimena diogunean, horri egiten diogu erreferentzia. Gutxi batzuen mesedetan egiten diren politikak, gehiengoaren kaltetan.
Horrek talkarik egiten al du EAJri eskua luzatzeko EH Bilduren estrategiarekin?
A. Zamorano: Argi dugu prozesu politiko orokorra oso korapilatsua eta kontraesanez betea dela. Prozesua azkartzeko palanka izan daitezkeen pauso batzuk EAJrekin egitea txokantea izan daiteke aipatu ditugun elementu batzuekin. Hala ere, nire ustez hemen planteatzen ditugun kontu gehienak borroka sozialen bidez lortuko dira, eta gazteak kalera ateraz. Hor ez da EAJ-EH Bildu logika edo dena delakoa sartzen. Gurea gazteria kalera ateratzeko proposamena da, bere bizitza indibidualaren aurrean koordenada batzuk mahai gainean jartzeko. Bide horretan kontraesan eta topeak ikusiko ditugu. Gakoa da nola asmatu tekla egokiekin, herri mugimendutik presionatzeko eta prozesuak askoz termino aurrerakoi, lokal eta sendoagoetan aurrera egin dezan bultzatzeko. EAJk erabaki batzuk hartzen baditu, har ditzala baldintzatuta dagoelako.
L. Albizu: Nafarroan, adibidez, Geroa Bain EAJ dago, baina nola egin baldintzatzeko? Batzuetan lortzen da eta besteetan ez. Urteetan egon dira kontraesan batzuk, adibidez, AHT edo Aroztegiaren gaiarekin. EAJk aurrera jo du. Nola baldintzatu EAJk ez hori egitea? Kontua da akordioa hor dagoela, eta agian ez dela hain argia EAJrekiko, Geroa Bai duelako izena, baina hor daude.
A. Zamorano: Adibide bat jartzearren, erraustegiaren aurkako borrokan helburua da erraustegia ez eraikitzea. Borroka oso esplizitua. Baina herri mugimenduaren eta guk eskaintzen dugun gazte mugimenduaren lana ezin da hori interpelatzera mugatu. Lortu behar dugu politika instituzionalean beste erremediorik ez izatea erabaki hori hartzea baino. Batzuetan erotzen baikara herri mugimenduek instituzioak baldintzatu behar dituztela, herri mugimendu eta instituzioen arteko dialektikan sartzen gara. Ezin da hori bakarrik izan. Herri mugimenduek prozesu propioa egin behar dute eta azkenean instituzioetatik beste erremediorik ez izatea guk nahi ditugun politika batzuk hartzeko.
Non ikusten dituzue bide-lagunak?
L. Albizu: Mobilizazio zikloaz hainbeste hitz egiteak klixe bat dirudi, baina hainbat protesta gizartea ezkerrera eramaten ari dira. Greba feminista, pentsiodunak edo Altsasuko gazteen aldeko olatua gizartea politizatzen ari direla iruditzen zait, aldarrikapen oso indartsuekin. Gazte sektoreok eta eragileok horra joan behar dugu.
Asier Zamorano:
"Gazte izateagatik badugu problematika berezitu bat, horretan asmatu behar dugu, gazteria sare horiek aktibatu eta kalera ateratzeko"
A. Zamorano: Azken hilabeteetan protestetan problematika propio eta zehatzetatik aktibatu da jendea. Hori garrantzitsua da. Gazte izateagatik badugu problematika berezitu bat, horretan asmatu behar dugu, gazteria sare horiek aktibatu eta kalera ateratzeko. Sektore ezberdinetan aliantzak egitea ere estrategikoa da herri proiektua irudikatzeko. Gazteok saiatu gara keinuak egiten beste borrokei.
Ernaik parte hartu zuen Bizitza Da Handiena ekimenean. Zein balorazio egiten duzue?
L. Albizu: Bizitza Da Handiena bezalako ekimenetan sareak sortzea balioan jarri behar da, eragileen artean ematen diren konfluentzia espazioak oso garrantzitsuak dira. Horrez gain, borroka molde berrien esparruan ekarpen garrantzitsua iruditzen zait. Aurten bloke bat okupatu da, iaz Gipuzkoa Zutikek manifestazio bat egin zuen erraustegira zuriz jantzita, aurrekoan kanpaldia. Berritasuna ematen dio. Ikusten da beste ibilbide bat dagoela borroka sozialen loturak sortzera bideratua.
Jarrai duela 40 urte sortu zela landuko duzue. Zein da asmoa?
A. Zamorano: Ziklo oso luzea bizi izan dugu eta faktore ezberdinek ikustarazten digute egoera aldatzen ari dela. Bada garaia etorkizuna beste modu batez proiektatzeko. Duela 40 urte gazte batzuek hartu zuten konpromisoa ikusirik, gaur egungo belaunaldiok ere herri honen askapen prozesuan parte hartu behar dugu. Baliatuz 2019an 40 urte beteko direla Jarrai sortu zela, antolakuntza eta borrokara batzen diren belaunaldi berrien beharra azpimarratu nahi dugu, askapen prozesua muturrera eramateko, baldintzak ere aldatu baitira. Elementu ugari batzen duen dinamika izango da: borroken errepasoa egingo dugu, liburu bat aterako dugu eta Gazte Topagunearekin datorren urteko apirilean aurrera begira jartzeko anbizioa dugu. Milaka gazte, belaunaldi berriak, konprometitzeko eta borrokara batzeko.
Argazkia: Dani Blanco | news |
argia-05c25646e742 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2609/musika-hamabostaldia-nire-hautaketa.html | Musika Hamabostaldia: nire hautaketa | Montserrat Auzmendi del Solar | 2018-07-29 00:00:00 | Musika Hamabostaldia: nire hautaketa
Abuztuaren 3an hasiko da aurtengo Musika Hamabostaldiko edizioa. Beraz, egun gutxi gelditzen zaigu erabakitzeko zein kontzertutara joango garen. Saio asko, estilo ezberdinak izango ditugu abuztuan zehar, eta arrazoi mila bata edo bestea aukeratzeko. Horrexegatik lerro hauen bidez, lagungarria izateko asmoarekin, ziklo bakoitzetik kontzertu bat gomendatuko dizuet. Halere, nire gomendioak jarraitu edo ez jarraitu, gerturatu zaitezte Musika Hamabostaldira. Ez zarete damutuko.
Kursaal Auditorioko zikloarekin hasteko, abuztuaren 18an kontzertu zinez erakargarri bat entzuteko parada izango dugu. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Andra Mari Abesbatzak, Christian Zachariasen batutapean, obra klasiko eta xarmangarriak, nahiz eta ilunak izan, eskainiko dizkigute: Joseph Haydn-en La Passione 49. Sinfonia, alde batetik, eta Joseph-en anaia zen Michael Haydnen Requiem do minorrean , ederra. Honekin batera, Mozart-en 24. Kontzertuarekin osatuko da egitaraua. Ez dut galduko.
Victoria Eugenia Antzokian izango diren kontzertuen artean, Alexandre Tharaud pianista frantsesaren errezitaldia aukeratuko nuke. Musikari berezi eta polifazetiko honek (zineman ere pauso batzuk eman ditu), egitarau bariatu eta interesagarria eskainiko du.
Organo zikloan, nahi eta nahi ez Ataunera hurbildu behar duzue abuztuaren 5ean Alize Mendizabal organo joleak emango duen kontzertua entzuteko. Ataungo San Martin elizako organoaren sonoritateak sorginduko zaituzte, dudarik gabe.
Zaila da Antzinako Musika Ziklotik saio bat aukeratzea, baina ziur nago abuztuaren 8an Inégal Ensemble taldearen kontzertua zoragarria izango dela. Beren herrialdeko errepertorio barrokoan adituak diren interprete txekiar hauek, gutxitan programatzen diren obrak entzuteko aukera emango digute.
Musika Garaikidean jakin-min handia dut Luxenburgo-tik datorren United Instruments of Lucilin taldea entzuteko. Musikari pasionatu hauek mitologia ardatz tematikoa den programa berezi bat interpretatuko dute.
Eta amaitzeko, berriz Goierri aldera. Musika Aitzaki izeneko zikloan badugu zita bat abuztuaren 29an Ordiziako plaza nagusian, Goierriko Bertso Eskolak eskainiko duen Bertsotan balkoitik balkoira saioaz disfrutatzeko. Proposamen freskoa! | news |
argia-9d321da1d131 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/ezkerra-eta-kultura.html | Beti biharko uzten den eztabaida | Kepa Matxain | 2015-11-01 00:00:00 | Beti biharko uzten den eztabaida
Eredu berria asmatzeko trantzean da ezkerra, paradigma aldaketa betean, eredu zaharretik zer erreskatatuko, lehen egindako zein akats alboratuko. Eta, halakoetan ohi denez, zer nahi duen baino argiago ikusten du zer nahi ez duen. Antzera kulturari dagokionez ere. Zein kultur eredu aldarrikatzen du hemen ezkerrak? Zer esan nahi du kultura herritarraz eta parte-hartzaileaz ari denean? Gisako galderak ardatz hartuta hitz egin dugu Beñat Sarasola eta Ainhoa Güemesekin.
Eta kulturarekin, zer egin? Horra historikoki ezkerrari buruko minak sortu dizkion galdera handia. Marxek iraultza azpiegituratik etorriko dela zioenez, eta kultura gainegituran kokatu zuenez, komunismo klasikoak bigarren mailako kontutzat jo izan du urte askoan. Gerora posmarxismotik indar eraldatzaile handia aitortu zaion arren, irudi luke ezkerreko mugimenduetan aski zokoratuta jarraitzen dutela kultur ereduari buruzko eztabaidek –baita Euskal Herrian ere–, eta, jorratzen diren apurretan, azaleko klixe batzuk errepikatu eta albait azkarren hurrengo gaira igarotzeko izan ohi dela.
Auzi horretaz eta beste hainbatez mintzatu dira Beñat Sarasola eta Ainhoa Güemes, bakoitza bere esparrutik: kultur kritikaren planotik aritu da lehena –logika propioz funtzionatu behar duen planoa dela aldarrikatuz, bide batez–, nazio askapenerako mugimendutik, bigarrena. Planoak plano, eta kultura edota artea bezalako funtsezko kontzeptuak modu berberean ulertzen ez dituztela jakinik ere, agerikoa da elkarrengandik oso urrun daudela.
Kultura, agendatik kanpo
Kultur ereduari buruzko eztabaidak alderdi politikoen eta herri mugimenduen agendatik kanpo daude, Sarasolaren ustez. Bilduk Donostian egindakoa jarri du adibidetzat: "Lehendik zegoenari euskal kuota gehitu dio, ez besterik. Ez dute errotiko aldaketarik egin, ez dute benetan arriskatu, ez da atez-atekorik egon kulturan". Ez zaio iruditzen Bilduren arazoa bakarrik denik, ordea. Gai horien inguruko "sostengu ideologiko falta" sumatzen du, oro har. Gainera, instituzioetatik egin daitekeenak baditu mugak, haren ustez, besteak beste, une honetan Euskal Herrian ez dagoelako kultur mugimendu biziberritzailerik, artista talde indartsurik. "Egiten diren gauzak ahulak eta oso mugatuak dira".
Güemesek, berriz, uste du nazio askapenerako mugimenduak sorkuntza maila izugarria erakutsi duela. "Etengabe sortu ditugu herri bezala osatzen gaituzten elementu horiek, askatasunetik eta ausardiaz. Jakin dugu uztartzen politikaren zurrunbiloa artearen iraunkortasunarekin. Gure arazoa ez da jende sortzailea falta zaigula, estatu mailako gerra makinen aurka ari garela baizik".
Ezkerrak formula jakin bat erabili ohi du kultur gaietan galdurik sentitzen denean, Sarasolaren irudiko: beste esparru batzuetan –politikoan, sozialean, eta abar– aurrerakoiak eta iraultzaileak diren ereduak kulturan bere horretan aplikatzea. Hori eginez, ordea, eredu kontserbadore bat sortzeko arriskua dagoela uste du, "kulturak eta arteak esparru autonomo bat osatzen dutelako, eta beren funtzionatzeko moduak dituztelako". Güemesek, aldiz, artearen esparruari kulturarenari baino autonomia gehiago aitortuagatik, uste du sortzaileen jarduna kultur balioek eta egoera politikoak baldintzatzen dutela. "Pankartek gure gizartean duten garrantzia, erreferentzia mito-naturalistak, intentsitate baxuko gerra honen pisua, banderak, buruberokiak... ikonokrazia horrek guztiak sakonki eragiten digu, onerako zein txarrerako. Ez da kasualitatea ETAk armak entregatu zituenean Picassoren Gernika atzean edukitzea. Gure iruditeria indartsua estrategia politikoaren eta adierazpen artistikoen nahasketa da. Ez dakigu artea politikatik bereizten".
Zer da "herritarra eta parte hartzailea"?
Azkenaldian kultur eredua ahotan harturik hainbestetan aipatu diren bi hitz horiek tranpatiak izan daitezkeela dio Sarasolak. "Kultura herritarra eta parte hartzailea izan daiteke, adibidez, publiko gehien mugitzen duen hura, eta, aldiz, minoritarioa dena ez da herritarra eta parte hartzailea. Hori logika perbertsoa da, kulturalki erabat kontserbadorea. Eraldaketa kulturala eta artistikoa ia beti esparru minoritarioetan sortzen da".
Masibotzat jotzen dena, ordea, ez da benetan masiboa sarri. Hainbat kulturgile batu dituen Sortuko dira besteak egitasmoa jarri du adibide gisa. "Kursaala euskal taldeekin bete zela eta sekulako arrakasta balitz bezala saldu zuten. Hori lortzeak meritua, izatekotan, ekoizpen aldetik izango du. Baina, artistikoki, ekimen horrek hutsaren hurrengoa balio du. Izan ere, han proposatzen dena kultura hila da. Hura entzutera joan ziren zenbat lagunek sortuko du beste zerbait kultur adierazpideren batean? Inork ere ez. Kultur balioa ez da zenbakitan neurtzen, eragin esponentziala izan dezake kulturak". Sex Pistols taldeak 1976an Manchestergo Lesser Free Trade Hallen emandako kontzertu sonatua aipatu du. Apenas izango ziren 40 lagun entzuleen artean, baina ez edozein: Morrissey, Ian Curtis, Pete Shelley... hein batean, kontzertuak eragindako lilurak bultzatu zituen gerora beren musika taldeak sortzera –The Smiths, Joy Division, The Buzzcocks–. Gau hura rockaren historiako une gogoangarrienetako bat bezala igaro da liburuetara.
Güemesek azaldu du kultura parte hartzailea nola ulertzen duen: "Hitz horiekin aldarrikatzen dugu artearen onurak jende gehiagorengana irits daitezela, era horretara intelektualki berritzeko eta aldaketa prozesuei ekiteko". Arteari balio esponentziala aitortzen dio berak ere: "Kutsatu egin behar du, aberastasun abstraktu hori zabaldu eta jendearen esku jarri. Noski, horretarako ezinbestekoa da jende bat bilaketan dabilena, barne metamorfosian engaiatua, askatasun kolektiboarekin inplikatua, toki ederrago bat sortzeko gogoz dagoena".
Artea, zalantza pizgarri ala autoafirmaziorako tresna?
"Arte ona normalean esparru minoritarioetan sortzen dela aldarrikatzen duzunean, elitista izatea leporatzen dizute", dio Sarasolak. Greil Marcus kultur kritikariak modu probokatzailean botatako aipu bat ekarri du hizpidera: "Artean elitismoa iraultzailea da". Zer esan nahi zuen horrekin Marcusek? "Artista batek zalantzan jarri behar dizkizu zure ideiak, ustezko egiak eta abarrak. Arteak astindu behar ditu gizartean jakintzat jotzen diren aurreiritzi guztiak. Ez zuzenki beti, modu zeharkakoan sarritan. Eta saiaketa horiek minoritarioak izaten dira, jendearentzat ez direlako erosoak. Jendeak autoafirmazioa bilatzen du, zer garen, zer izan garen jakiteak ematen dio heldulekua, eta hori lortzen du museoetan, testuliburuetan, oro har, artea ondare bihurtzen denean. Baina benetako arteak, sortzen den unean, statu quoa pitzatzea lortu behar du". Musikako adibideak oroitu ditu: "Ez Dok Amairu-k eta Euskal Rock Erradikalak, esaterako, gaur egun ez dute eragin iraultzailerik; guztiz kontrara, autoafirmaziorako mekanismo kulturalak dira. Jendeak historia moduan ezagutu behar dituela? Ez dut ukatzen. Baina mugimendu horietatik ez da kreatiboki ezer berririk sortuko".
Statu quoa horrela deskribatzen du Güemesek: "Makinaria kapitalistak elikatutako errealitate bat errepikatzen digute etengabe, eta horrek ez digu uzten blokeo historiko honetatik irteten. Kapitalismoa bere burua birsortzeko gai da, baina ez aniztasunaren eta sorkuntzaren iturri agorrezin modura, gabeziak seriean ekoizteko modu gisara baizik". Haren ustez, Euskal Herriak asimilatuta gelditu nahi ez badu, erronka bati egin behar dio aurre: "Gure artegintzak eta kultur adierazpenek masa-ikuskizunaren tresnetatik urrundu behar dute. Kultura komertzialaren eta publizitate lengoaiaren forma estereotipatuei ihes egin behar diegu".
Funtsean, oinarrizko desadostasun bat daukate Güemesek eta Sarasolak: arteak, ona izateko, zer lortu behar duen. Aurrenekoaren ustean, "artea afirmatiboa da bere esentzian, pertsona eta komunitate gisara autoafirmatzen gaitu, eta gure proiektuak luzaro iraun dezan lortzen du". Bigarrenak, aldiz, uste du statu quoa zalantzan jartzen ez duen artea –arte afirmatiboa– txarra dela, de facto. Ideia zehatzago azalduta: "Minoritarioa den oro ez da ona, eta masiboa den oro ez da txarra. Diodana da arte ona, deserosoa den heinean, minoritarioa izan ohi dela sortzen denean. Gerora bihurtu daiteke gauza masibo bat, baina sorreran efektu hori sortzeko gai izan behar du". Arte afirmatiboak justu kontrakoa lortzen du, bere ustean: deserosoa egin beharrean, hartzaileari halako arindu bat sortzea.
Sarasolaren ustez, ezkerrak arazo historiko bat dauka arte afirmatiboarekin, eta, orain, "elitismoaren kontu honekin", atzera egin da berriro: "Nola aldarri oso zuzen eta argiak esaten dituzten, era horretako artistak saritzera jotzen da. Baina hori, artistikoki, oso gauza kontserbadorea da. Ideologikoki atzerakoiak diren hainbat idazle askoz iraultzaileagoak dira beren sormenean ezkerreko asko baino". Güemesek ez du halakorik ikusten bere inguruan: "Egia da gure sorkuntza indarrak agortuxea dirudiela maiz, batez ere mezu batzuk errepikatzearen errepikatzeaz –manifestazioetako leloak, kasurako–. Baina uste dut irudipen bat besterik ez dela. Errealitate sozio-historikoa da sorkuntzarako gaitasuna murrizten diguna". Hala ere, onartzen du garaiotan artearen arketipoak ez direla bereziki onak politikarako, kultura jakin baten arketiporik bikainenak izanik ere. "Kaskarkeria da nagusi, baita gure alderdikoengan ere. Buruzagiak, ez beti, baina mediokreak dira sarri". | news |
argia-6c6d289b92e3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/izki-inguruan.html | Izki inguruan | Edu Zelaieta Anta | 2015-11-01 00:00:00 | Izki inguruan
Unidad Alavesa berpizteko moduko egoera ikusi dugu Izki inguruan: gaztainak batzen topatu ditugun guztiak, onddo bila zebiltzan pertsonak oro eta paretan eskalatzen ari ziren denak bizkaitxarrak edo giputxiak ziren. Bidaideak ohartarazi didanez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, baso gehienak publikoak dira (sarean ikusi dudanez, %82 dira herri lurrak). Halaber, oihan publikoen kopurua nabarmena da Nafarroan eta Iparraldean: %50 baino gehiago eta %40 inguru, hurrenez hurren.
Auzia argitzen segitu du adiskideak: Euskal Herriaren bihotza omen diren Bizkaian eta Gipuzkoan pribatizatuak daude baso gehienak aspalditxo eta, ondorioz, erabilera industrialeko pinudiz josiak ageri dira maiz bertako bazterrak; horregatik aurkitu omen ditugu hainbeste bizkaitar-gipuzkoar alderdi publiko hauei etekin partikularra ateratzen.
Nolanahi ere, amaierarako utzi nahi izan du solaskideak kolpe ozena: "Euskal natura eta euskal kultura ez datoz bat elkarrekin". Hori dela-eta, Euskal Herriko berezko natura ikusi edota gozatu nahi duenak hobe du periferiara jotzea ; Izki ingurura, kasurako. | news |
argia-436289772668 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/olberen-denboraldi-berria.html | OLBEren denboraldi berria | Montserrat Auzmendi del Solar | 2015-11-01 00:00:00 | OLBEren denboraldi berria
Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak, beti bezala, gogor egin du lan aurten ere bere denboraldi berria, 64.a, aurrera ateratzeko. Insistitu egin behar da esfortzu handia egin dutela esanez, kontuan harturik gero eta laguntza txikiagoak jasotzen ari direla, krisia dela-eta. Izan ere, ohikoak ziren zazpi tituluetatik bostera pasa dira edizio honetan (baita aurrekoan ere); hori bai, betiko maila eta kategoria artistikoa mantenduz.
Begi bistan da egitarau gustagarri eta erakargarria prestatzen saiatu direla. Monografiko italiarra izango da edizio osoa, apustu apurtzaileei tokirik egin gabe. Alde batetik, pena da ausardia pittin bat ez izatea eta publikoarengana ez gerturatzea gutxitan programatzen diren beste ikuskizun mota batzuk, baina, bestalde, ulertu egin behar momentu honetan errentagarritasunaren bila aritzea.
Urriaren 24an izango dugu lehenengo obra, Verdiren Don Carlo , Schilleren Dom Karlos , Infant von Spanien draman oinarritua. Opera historiko honetan, Daniella Barcellona mezzoa izango dugu, Eboli pertsonaian. Azaroan, hain ezaguna ez den opera bat disfrutatzeko aukera izango dugu: Roberto Devereux , Donizettirena. Opera horrek, Tudoren garaiko Roberto Devereux Essex-ko II. kondearen bizitzan oinarrituta, oso musika landua du, eta Ingalaterrako Elizabeth I.aren analisi psikologiko interesgarria eskaintzen du.
2016an titulu arinagoak (argumentuetan gutxienez) izango ditugu. Belliniren La sonnambula opera erdi-serioan Jessica Pratt soprano britainiarra izango dugu Aminaren rolean. Otsailean gure izarra den Ainhoa Artetak Pucciniren Manon Lescaut opera ezaguna egingo du, eta Rossinirekin amaituko da denboraldia, Il barbiere di Siviglia obrarekin.
Baina bost opera horiekin ez da amaitzen denboraldiak ematen duena. Verdiren Messa da Requiem zoragarria entzuteko parada izango dugu, Dolora Zajick mezzo amerikar handiarekin, beste bakarlari batzuekin batera.
Aurreko edizioetan bezala, OLBEk Opera Berri izeneko iniziatiba mantentzen du, opera publiko berrietara hurbildu nahian, prezio merkeekin. La Sonnambula , urtarrilaren 30ean, eta Il barbiere di Siviglia , maiatzaren 15ean, prezio erdian eskainiko dira. | news |
argia-a03a8a5e50f0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/zergatik-ez-du-sortu-behar-hitler-berri-bat-xxi-mendean.html | Zergatik ez du sortu behar Hitler berri bat XXI. mendean? | Pello Zubiria Kamino | 2015-11-01 00:00:00 | Zergatik ez du sortu behar Hitler berri bat XXI. mendean?
XXI. mendeko europarrok pentsatu dezakegu etika mailan hobeak garela 1940ko hamarkadakoak baino, agian oker ulertu dugulako nazismoak eragindako Holokaustoaren mamia. Baina katastrofe baten aurrean egokituz gero, klimaren aldaketa gogor baten ondorioekin esaterako, ez ote gaituzte Hitlerrena bezalako soluzioek tentatuko?
Estatu iraunkor baten asmoa nekez izango da amets totalitarioak bezain erakargarri. Politika berdea inoiz izango ez den bezala lur beltzaren gainean odol gorria den bezain kitzikagarri". Horrela mintzo da Timothy Snyder (Ohio AEB, 1969) historialaria, aurten " Black Earth: The Holocaust as History and Warning " (Lur beltza: Holokaustoa historia eta abisu moduan) liburua plazaratu duena.
The Guardian egunkariari bidali dio Holokaustoak bidaltzen digun ohartarazpenaren mamia: " Hitler's world may not be so far away " , alegia, balitekeela Hitlerren mundu hura gaur guk hain urrun ez edukitzea.
Snyder doktorego tesian gidatu zuen irakasleak argazki bat erakutsi omen zion, nazien okupazio garaian Varsoviako apartamendu batean egina. Wanda J. zen, irakaslearen ama judua, alemanek ekin ziotenean judu varsoviarrak metaka hiltzeari lortu zuena familia salbatzea.
Wandaren familiari ere agindu zioten ghettoan babestea, baina alde egin zuen laguntza eskatuz adiskideei, ezagunei eta azkenean baita ezezagunei ere. Ghettoa eta gero Varsovia osoa naziek erroetaraino kiskali zituztenean, Wandaren familia salbatu zen juduei lagundu zieten jendeen sen moralari esker.
"Gehienok uste dugu –dio Snyderrek– instintu moral horren jabe garela. Agian amets egiten dugu etorkizuneko katastrofe batean erreskatatzaile arituko ginatekeela. Baina estatuak suntsituko balira, lekuko erakundeak usteldu eta pizgarri ekonomikoak bideratu hilketaren alde, gutako gutxik jokatuko luke zuzen. Motibo gutxi daukagu pentsatzeko 1930 eta 1940ko europarren gainetik gaudela etikan, edo Hitlerrek halako arrakastaz aldarrikatu eta burutu zituen ideietara gutxiago makurtuko ginatekeela".
Holokaustoa hasi zen hilketak baino lehenago, nazien oinarrizko ideiak herritar askoren artean sustraitzean. Hasteko, gizakiak ez daukala sen moralik, hori juduen asmakizuna dela. Gizakiak arrazen arteko borroka odoltsuetara kondenatuta daudela, arraza sendoenak eskuratu ditzan mugatuak diren natur baliabideak.
Lebensraum kontzeptua da gakoetako bat, gaur habitat edo txoko ekologiko esaten duguna. Alegia, arraza guztiak dabiltzala bizitzeko leku handiagoaren bila. Lebensraum ek esan nahi du egongela ere, familiaren konforta eta ongizatea iradokitzen dituena.
Hitlerrek uste zuen jendearen atsegin eta segurtasun desioa ezingo zela sekula ase, alemaniarren nahia zelako Ipar Amerikarren mailan bizitzea. Horregatik sinplekeria da esatea Hitler juduen edo eslaviarren etsai izatera mugatzea. Horien etsaia zen horiek ikusten zituelako Alemaniak bere destinoa burutzeko oztopo. "Ekologia egoki bakarra zen etsai politikoa eliminatzea; politika egoki bakarra zen lurra garbitzea; helburu horiek lortzeko estatuak suntsitu behar ziren".
Bizirauteko, pobreagoak hil
Juduen masakratze orokorra naziek hasi zuten estatuen suntsiketa bikoitza jasandako eremuetan, Stalinen eta Hitlerren arteko tratuak hondoratutako herrialde baltikoetan, Ukrainan eta batez ere Polonian. Alemaniak tratua hautsi eta herrialde horiek bereganatu zituenean, laguntzaile antisemita asko aurkitu zituen sobietarren kolaboratzailetzat jotako juduak hiltzeko gosez. Era berean, soldadu zein polizia alemanak erraz ohitu ziren etsai gorrotatuak hiltzera.
Estatuak ahuldu eta desegindako zulo beltz horietan erraza zen juduak hiltzea, Alemanian bertan baino askoz gehiago hil zituzten. Aldiz, juduak salbatzen zituztenak sarri ziren jendeak estatu baten edo antzeko instituzio baten aldeko ideiak zeuzkatenak.
Paniko ekologikoa da beste gakoetako bat. Gerra ostean nekazaritza industrialaren iraultza berdeak erakutsi zuenez, teknologiak bazeukan ahalmena populazio gero eta handiagoak elikatzeko. Baina Hitler eta naziek erabaki zuten Alemaniak bizirauteko eremu zabalagoen beharra zeukala eta hala hasi zuten funtsean gerra koloniala izan zena.
"Hitlerren programak biologia eta desioa nahasten zituen. (...) Bizi maila eta bizitzea bera nahasten direnean, gizarte aberats batek gerra egin diezaieke herri pobreagoei bizirautearen aitzakian. Dozenaka milioi herritar hil ziren Hitlerren gerran ez alemanak bizi ahal izan zitezen, baizik eta alemanek American dream (amerikarren ametsa) alkantzatzeko borrokan".
Timothy Snyderren aburuz antzeko aldi historikora ari gara hurbiltzen Mendebaldean. Janari faltarik ez da gaur egun, baina herrialde aberatsenak hasi daitezke kezkatzen etorkizuneko eskasiez. Herrialde aberats bateko liderrek zabaldu dezakete panikoa biharko balizko murrizketak direla eta aurretiaz jokatu, arazo ekologikoaren arazotzat giza talde bat markatu eta estatuak suntsitu, nahita edo nahi gabe, behin gurpila abiarazita.
XX. mendearen bigarren erdian etorkizunak gauza segurtatua zirudien. Konkurrentzian ziren kapitalismoak eta komunismoak biek agintzen zuten etorkizun oparoa. Baikortasun hura joan zen. Eliteetan bezala masen artean dena da nahasmen, kezka, etsipen, dilema. "Apokalipsia ageri denean ortertzean, soluzio zientifikoak bilatzea denbora galtzea dirudi, borrokak onargarria dirudi eta odolaren eta etnizismoaren demagogoak denen aurretik jartzen dira".
Hitler, dio Snyderrek, lehen globalizazioaren semea zen, XIX. mendeko inperialismoek eraikiarena. Gu XX.eko amaierako bigarren globalizazioaren umeak gara. Duela 80 urte bezala, ereduak bere mugekin egin du topo.
Asteotan eztabaidatzen da planetaren beroketa, mendea bukatzerako 4 ºCkoa gerta daitekeena. "Litekeena da orain arte ezagutu ez bezalako ekaitzek, lehorteek, horiek eragindako gerrek eta migrazioek berotzea baliabideen segurtasunari buruzko kezkak eta Hitlerrena bezalako politikak onargarriago bihurtzea. Hitlerrek erakutsi zuen gizakiek biharko krisi baten mehatxuagatik justifikatu dezaketela gaur bertan neurri drastikoak hartzea".
Estres handi baten eraginpean, edo trebeziaz jokatuta, politikariek lortu lezakete nahastea Hitlerrek bezala natura eta politika, ekosistema eta etxeko erosotasuna, bizitzeko beharrezkoa eta kontsumitzeko irrikatzen duguna. Azkenean, konponezina dirudien arazo baten errua egozteko giza talde jakin bati.
Ipar Amerikatik idazten du Synderrek, jakinik han baino lehen klimaren erotzeak kalteak eragingo dituela Afrikan, Ekialde Hurbilean eta Txinan. Politikariei ohartarazten die Hitlerrena bezalako kalamitateetan ez bukatzekotan burutsua dena defenditu behar dela burrunbatsua dena baino gehiago. | news |
argia-f3fa1e811924 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/ohepeko-sorta.html | Ohepeko sorta | Jakoba Errekondo | 2015-11-01 00:00:00 | Ohepeko sorta
Umetako oroitzapen bat. Lotara etzan eta loak harrapatu aurreko tartean edo lo-putzuetan hara-hona ibili bitarte horretan: belaun-katiluaren parean kosk, besape inguruko mami gozoan kosk, lepo-zamarrean kosk... Hozkadaz josita esnatu naiz, hazka batean. Arkakusoen balnearioa dirudi nire oheak. Gosaritarakoan amonak ohekideen erasoaren ondorioak nire azalean ikusi orduko, etxe atzeko baratzera bidali nau, menda bila. Eskuera duen sendabelarren baratzean, menda nagusia mendazuria, astamenda, kukuso-belarra edo mendaurdina da, Mentha suaveolens edo Mentha x rotundifolia .
Gosaldu eta lehenengo lana arkakusoen aurkako erabateko gerra, eta arma bakarra: hari mutur batekin lotutako menda sorta eder bat. Ohea ireki, goiko maindirea ondo atzeraino eramanez, eta ohe barrua bera, gainontzeko altzariak eta logelako hormak ondo igurtzi. Arkakuso sarraskiaren ondoren sorta ohearen azpian utzi, handik atzera beste arkakusoren bati inguratzea bururatzen bazaio zer datorkion jakin dezan. Oherakoan, gure arma han zela jakinik, alde ederrean hartzen ninduen loak. Gaztelaniaz matapulgas eta katalanez matapuces deitzen diote gure kukuso-belarrari.
Astamenda gogotik erabiltzen da sendabelar modura. Ikerketa ugariren gaia da, eta maiz azaltzen da haren mesedeen berri. Adibidez, haren olioa edo ura erruz hartzeak abortua eragiten zuela jakina zen, baina onddo eta bakterioen aurkari bikaina dela erakusten duten gero eta froga gehiago dago.
Astamenda bizi den tokian, asuna ( Urtica dioica ) ez da urruti izango. Biek dituzte gustuko lur heze eta ur-asetuak. Asunak heldu eta erretako azalean astamendarekin igurtzi bat eman eta azkura lasaitzen dela esan ohi da. Hozkada eta erredura, astamenda helduetarako erremedio.
Ohepean astamendaren beharrik ez duzu izango baldin eta lastaira ziabelar horiz ( Galium verum ) osatu baduzu. Belar horrek kumarina du osagai, eta kumarina pozoi indartsua da. Hurbildu ordurako akabatuko luke arkakusoa. Arratoi pozoia egiteko erabiltzen da. | news |
argia-39c4a4d054b6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/krabelinaren-itzala.html | Krabelinaren itzala | Xabier Letona | 2015-11-01 00:00:00 | Krabelinaren itzala
IBERIAR PENINTSULA lurrikara txikia bizitzen ari da asteotan eta Europan begi asko jarri dira hona begira. Irailaren 27tik Kataluniako prozesuak hartu duen abiada hor da eta orain Portugalen izan berri diren hauteskundeetan bertako ezkerreko indarren aliantza eman da hango eskuinak gobernuan jarraitu ez dezan. Abenduaren 20an, halaber, hauteskunde orokorrak izango dira Espainian eta Podemos fenomenoari duela urtebeteko indarra ikusten ez bazaio ere, oraindik inork ez daki zer gerta litekeen.
Euskal Herrian vinho verdea , jatetxe merkeak eta Grandola Vila Morenaren herrialdea da atlantikoko mendebaldekoa, edota hango immigranteak azken hamarkadatan hainbatetan bidali dituena. Hortik aurrera arreta gutxi Portugali, autoz 4-5 ordutan bertan bagaude ere. Fisikoa baino distantzia bestelakoa da.
Greziaren ondoren austeritatearen gerrikoa gehien estutu behar izan duen Europako herrialdea da 1974an krabelinen iraultza egin zuen hura. Hori da azken hamarkadetan Espainiarekin alderatuta izan duen aldaketa handienetakoa: han iraultza batekin iratzartu ziren diktaduratik, Espainiak diktaduraren triskantzak estaliko zuen trantsizioari ekin zion bitartean. Mario Soaresen sozialdemokraziak lortu zuen ezkerreko iraultzaileen norabidea bideratzea, hango sozialismoa sozialdemokrazia bihurtuz eta sozialdemokrazia mozorrorik gabeko eskuina.
Koalizioan aurkeztuta alderdi sozialdemokratak (PSD) eta kontserbadoreek (CDS) irabazi zituzten urriaren 4an parlamentua hautatzeko egin ziren hauteskundeak, baina ez gehiengo osoz. Horra kalapita. 107 boto eskuinak eta 122 ezkerrak (PS, Ezkerreko Blokea eta PCP). Alderdi Sozialista atera da garaile nabarmen hauen artean (1,74 milioi boto, boto guztien %32,4), eta gehien hazi den alderdia Podemosen antz handiena duen Ezkerreko Blokea da (551.000 boto eta %10,2); komunistek 446.000 boto lortu dituzte, botuen %8,3.
KONTUA da inork gutxik espero zuela PSk Blokea eta PCPrekin bat egin zezakeenik, baina gertatu egin da eta joan den astean hiru indarrek Eduardo Ferro Rodrigues PSko ezker hegaleko buruzagia hautatu zutela Legebiltzarreko lehendakari. Gobernua osatzeko borondatea ere agertu dute ezkerreko hiru indarrek, baina Cavaco Silva (PSDkoa) Errepublikako lehendakariak PSDko Passos Coelo izendatu du Gobernuko lehendakari parlamentuko gehiengoaren aurka. Hau da, eskuindarrek ezingo dutela ezer aurrera atera Legebiltzarrean eta jarduneko gobernua izango dela datorren urtarrilera arte, Errepublikako lehendakaria hautatzeko hauteskundeak egin arte. PSko edo ezkerreko kontsentsuko lehendakari bat ateratzen bada, PSko gobernu lehendakari bat hautatuko da eta Portugalek austeritatearen aurkako borrokari ekingo dio, Blokea eta komunistak ezkerrera tiraka eta PS sozialdemokrazia klasikoari eutsi nahian. Lehendakari eskuindarra gailentzen bada, kohabitazio egoera korapilatsua sortuko da, honek nekez izendatu ahalko baitu berriz gobernu lehendakari eskuindarra. Baina filmaren zati hori nekez aurreikus daiteke orain.
IKASGAIRIK? Batzuk bederen izan daitezke: bat, PCPk ikusi du hobe dela saiatzea ezkerreko indarren artean Troikari aurre egitea, eskuinak Troikarena nahieran inposatzen jarraitzea baino. Bi, PSk ere nahiago izan du Portugaleko Syrizarekin bat egitea, epe ertainera PASOK izan baino. Hiru, Grezian gertatutakoa ikusita ezkerreko aliantzak nekez jokatuko du Syrizak bezala, Bruselari hain zuzenki aurre eginez. Eta lau: horrela jokatuta, borrokatu nahi duen austeritateari aurre egiteko tarterik bada?
Inork ez daki, baina Greziakoaren ondoren, badirudi EBko ezkerreko indarrek, gobernuetara iritsita ere, Bruselarekiko konfrontazio zuzena saihestuko dutela. Euren herrialdetako gudu handiak irabazi ondoren, aliantzen bidez Europar Batasuneko politikak aldatzea izan liteke geratzen den bideetakoa. Bidea bakarrik egitearen alternatiba gogorra da: hau da, herrialdea eurogunetik ateratzeko baldintzetara prestatzea, edozein herrialdetan beldurra eragiten duen alternatiba, baita ezkerreko populazioaren artean ere.
Egoera gaitzen aurrean, nola eutsi, beraz, amets egin gabe? "Herria da gehien agintzen duena /Edozein txokotan, lagun bat / Aurpegi bakoitzean, berdintasuna...". | news |
argia-b456b165add4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/gure-esku-dagoren-gogoeta-prozesua.html | Herri galdeketak orain, Euskal Herriko Ituna ondoren | Lander Arbelaitz Mitxelena | 2015-11-01 00:00:00 | Herri galdeketak orain, Euskal Herriko Ituna ondoren
Bi urte pasatxoko ibilbidea egin ostean, gogoeta prozesuan murgilduta dago Gure Esku Dago. Barne antolaketa, egitekoa, jarduera eta finantzazioa eztabaidagai. Azken helburuari begira jarri eta hara iristeko eman beharreko pausoak marrazten. Herri kontsultak abiatuko dituzte, eta ondoren herriz herri Euskal Herriko itun bat eraikitzen hastea da asmoa, denen artean finkatzeko non, zer, noiz eta nola erabaki behar den.
"Gizakatearen ostean, 240 bat lagun bildu ginen Gure Esku Dagoren (GED) etorkizunaz hitz egiteko". Angel Oiarbide mintzo da, mugimenduaren aurpegi publikoetako bat, nahiz eta berak bere burua "GEDko kidea" gisa aurkeztu. Hiru fase aurreikusi zituzten: Ehundu, adostu eta erabaki. 2015ean jendartea ehuntzea jarri zioten helburu beren buruari. Ehunka kide oihalen ekimenaren antolaketan jarri ziren bitartean, ordea, martxotik mugimenduko 80 kidez osatutako Bizkarrezurra hausnarketa-taldeak txosten bat prestatu du. Aurrera begira hartu beharreko erabakien eztabaida da.
Estadioetako ekimenaren balorazioa egin ostean, irailaren 26an egin zuten publiko txostena eta prozesuari eutsi diote. Herriz herri eta teknologia berriek eskaintzen dituzten plataforma parte-hartzaileen bidez, eztabaidatzen eta ekarpenak jasotzen hasi dira. Behin betiko erabakiak azaroaren 21ean hartuko dituzte ez ohiko batzar nagusian. Aurrera begirako bidea finkatzen doaz horrela.
Pentsatu globalean, ekin lokalean
Jexux Olaziregi Baguesek hasieratik egin zuen bat mugimenduarekin. Ficoban egin zuten lehen aurkezpenetik konbentzituta joan zen etxera, Euskal Herriak halako zerbait behar duela pentsatuz. Eta berak, bertan ikusten zuela bere burua, Oiartzungo taldean.
Talde polita osatu eta ekainaren 8ko giza katerako beren kilometroa betetzen egindako lan txukuna aipatu du Olaziregik. Iaz astero 6-8 bat lagun bildu izan dira, "taldearen erdia oso gaztea".
Taldea osatzean egindako bi ekintza nabarmentzen ditu: Sentsibilitate politiko anitzak biltzen zituen 200 bat oiartzuarrekin atera zuten argazki erraldoia, dinamika herrian ezagutarazteko baliatu zutena. Eta 1978tik gaur arte Oiartzunen zinegotzi izandakoekin egindako argazkia. Bertan ondorengo alderdietako kideak batu ziren: EAJ, ezker abertzalea (HB, ANV, EH Bildu...), Euskadiko Ezkerra, Ezker Batua, PSE eta Hamaika Bat.
Gure Esku Dagok Oiartzunen eigndako lehen ekintzetako bat, erabakitze eskubidearen aldeko argazkia.
240 batzorde lokal, herrialdeka
"Dinamika sortu zenean, 2013an, ez zegoen egiturarik. Adibidetxo bat genuen, Nazioen Mundua dinamika. Juridikoki ere 2007an Idiazabalen sortutako kultur taldea, hori izan zen kimua ekintza nazionala egiteko. Diruzaintza gisako egiturak oso exkaxak ziren", oroitzen du Oiarbidek. Mugimendua hazten joan da ordutik.
Egun, antolaketa aldetik, herrietako ordezkariak herrialdeka antolatzen dira eta batzarrak egiten dituzte hilero. Astero biltzen den idazkaritza bat izan dute, herrialdeetako batzarretatik iristen ziren proposamenak martxan jartzeaz arduratu dena. Herrialdeka, ekimen zehatzak prestatzeko, mahai teknikoak ere badituzte.
Egitura honez gain, giza katearen aurretik, "beste guztiarekin batera, idazkaritzari pausoak ongi ematen ari ginelako zilegitasuna ematen zigun" beste gune bat sortu zuten: Adosgunea. Bertan zeuden sindikatuak, alderdiak, unibertsitateko jendea, enpresariak, kulturgintzako kideak... 50 bat lagun biltzen ziren.
Gure Esku Dago abiatu zen ikasturtean 130 herritan sortu ziren batzordeak, bigarrenean 240ra heldu dira. Euskal Herri osoan, baita diasporan ere.
Jexux Olaziregi Oiartzungo taldea ordezkatuz joan ohi da Gipuzkoako batzarretara, Tolosara. "Ia denetara joaten naiz, eta han hilero jende bera biltzen garenez, hasierako harreman militanteak harreman pertsonal izatera iristen dira". Giro ona dutela nabarmentzen du.
Nora doa proposamena?
Bost hilabetez mugimenduko 80 kidek landutako eztabaida proposamena zabala dela dio Oiarbidek. "Ez genuen proposamen itxi bat eraman nahi, eztabaida eragin nahi genuen". Azaroaren 21erako proposamen bat egingo du Batzar Orokorrean. "Txosten hori bide orri finkatu bat izango da, helburuak lortzeko geroz eta zehatzagoa".
Galdetegian 0 - 1 - 2 botoak eman behar dituzte kideek, beren adostasun mailaren arabera. Hiru helburu proposatzen dituzte, adibidez:
· GEDren helburua da euskal herritarrok dugun etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauzatzea, eragile eta erakundeekin elkarlanean eta tokian tokiko borondateari helduta.
· Helburu nagusi hau lortzeko prozesuak, berez, bestelako onurak ere ekarriko dizkio gizarteari (balore kolektiboak sendotzea, bizikidetza eta herri kohesioa hobetzea...) eta horiek dinamikaren helburu osagarriak izango dira.
· GEDn aniztasunari dagokionez, oreka bilatuko dugu, bai gure barne egituretan, bai gure jardueran. Aniztasuna modu zabalean ulertzen dugu, genero, adina, sentsibilitate ideologikoa, jatorri desberdinak eta abar, aintzat hartuta.
Hauen antzera, txostenean 62 proposamen egiten dira jarduera, antolaketa eta finantzamenduari buruz. Txostenean proposatzen den aldaketetako bat, egungo egituraz gain, eskualdeka ere antolatzea da.
Oarsoaldean, adibidez, Eskura prozesuaren eztabaida eskualde mailan planteatu dute. Lau herrik osatzen dute: Oiartzun, Lezo, Orereta eta Pasaiak. Pasaian, Donibanera baino ez direla heldu aitortzen du Olaizolak, eta horretan badutela non lan egin. Hala ere, dagoeneko taldeak osatuta dauden herriotan egutegi bat planteatu dute eta prozesuaren lehen batzarrak egin dituzte herri guztietan.
Atera ohi diren eztabaida edo ekarpenei buruz galdetuta, Olaziregik ikusten du orokorrean mugimenduan antzeko gaiak ateratzen direla. Ekintzak antolatzeko orduan proposatutako epeei buruzkoak, antolaketa ereduaren edo mugimenduko kide izateko sortu dituzte hiru figuren definizio eta kuotei buruz (sarekide, bazkide eta laguntzaile) edo antolaketa ereduaz. "Hala ere, esan behar da %90ean sintonian gaudela". Emaitzak azaroaren 21ean aurkeztuko dituzte.
Pausoak ematen hasteko beharra
Sentsibilitate politiko ezberdinen arteko elkarlana. "Gauza asko hobetzeko daude, dudarik gabe, baina eman beharreko pausoak ezinbestean hasi behar genuen ematen. Aurrera begira eman beharrekoak ere lehenbailehen ematen hastea komeni zaigu".
Joan den ekainean, estadioak bete ez bazituen ere, bost hiriburutan milaka lagun batu zituen ekitaldian ondorengoa zabaldu zuen Oiarbidek berak: "Erabakiaren aroa hasten dugu gaur, dinamika honen fase definitiboa, behin betikoa; gaur hasi eta erabakiaren egunean amaituko den azken txanpa". Zer esan nahi du horrek baina?
2014an Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagan egin bezala, 2016an kontsultak egiteko asmoa adierazi dute herri eta eskualde ugaritan. Goierriko 22 herrietan, adibidez. Katalunia eredu hartuta, prozesua 2009ko irailaren 13an Arenis del Munt herrian egindako lehen galdeketan hasi zela ulertzen dute, eta hala, Euskal Herrian ere jarrera hori zabaldu nahi dute.
"Baldintzak dauden lekuetan kontsultak abiatuko ditugu". Mugimendutik herri galdeketen protokoloa ere prest dute. Bertan, 20 orriko dokumentuan informazio erabilgarria jaso dute, herriz herri egokitu eta aplikatzeko: galdeketa bideratzeko organoak, galdeketaren lurralde eremuak hautatzeko irizpideak, antolatu beharreko elkarrizketa eta eztabaida publikoak, boto emaileak, hauek egiaztatzeko moduak, galdeketaren leku eta ordutegia hautatzeko irizpideak, boto aurreratua, bozketa protokoloa mahaietan, zenbaketa eta segurtasun berme eta erantzukizunak.
Olaziregik argi ikusten du Oiartzun herri horietako bat dela, eta gaiaren bueltan ari dira. "Baldintza objektiboak Oiartzunen eta eskualdeko leku askotan daude. Guztian egiteko ez dakit, baina prozesu honek erakutsiko digu nora goazen, eta ea zer baldintza berri sortzeko gai garen herriz herri".
Eskura txostenean proposatzen da tokian tokiko galdeketen parte hartzearen emaitzak "metagarriak" izan daitezen modua bilatzea, baita 2016 eta 2018 bitartean "ahalik eta kontsulta gehien" egitea ere.
Euskal Herriko ituna
Herri eta eskualde guztietan kontsultak egiteko baldintzarik ez dute ikusten GEDko kideek, eta gune horietan bereziki formazioa lantzen saiatuko dira: hitzaldi eta ekitaldiak beren helburuekin bat datozen baloreak sustatzeko.
Horrez gain, beste ildo bat ere identifikatu dute: Erabakitzeko Adierazpenak. "Ikusten dugu badaudela askatu beharreko korapiloak eta adierazpen horien bidez horiek askatzen hastea da asmoa. Non, zer eta noiz erabaki? Galdera potolo horien inguruan hausnartzen hasi behar dugu", dio Oiarbidek.
Euskal Herri osoko ituna nola irudikatzen duen argitu du beasaindarrak: "Herriz herri eztabaida hori ireki nahi dugu, topagunea eraiki. 2017an, adierazpen guztiak jaso eta herri honetan esanguratsua izango den mahai bat sortzea litzateke asmoa, Euskal Herri osoko itun bat egiteko zer, noiz, nola eta non erabaki behar dugun erantzuteko. Korapilo berriak ateratzen joango dira, baina horiek askatzen joan behar dugu, bidea eginez".
Mugimendua ikergai AEBetan
Mugimenduari buruzko ikerketa egin dute Scensei ikerketa guneak eta Columbiako Unibertsitateak, GEDk eskatuta. "GED eta erabakitzeko eskubidea, iritziak, erronkak eta aurrera begirako gakoak" 36 orriko txostenean.
Azterketa politikoa egiteaz gain, GEDren lanaz herritarrek duten pertzepzioa neurtzeko elkarrizketa eta inkesten emaitzak eman dituzte, lorpenak, ahulguneak eta gomendioak zerrendatuz. Lorpenetan nabarmendu dute "autodeterminazioari buruzko eztabaida aberastu" dutela, gizarte zibiletik sortutako ekimena dela eta "GEDk berak uste baino gehiago" markatzen duela agenda politikoa. Ahulguneetan mugimenduaren aniztasunaren inguruan gizarteko sektore batek duen pertzepzioa aipatu dute. Jendarteko sektore askotara iristea falta zaiola uste dute ikerketan parte hartu duten batzuek, eta ezker abertzalearekin lotura ikusten diote beste zenbaitek. Euskal Herriko lurraldeen arteko desorekak ere nabarmendu dituzte, baita hainbat mezutan erabilitako "anbiguotasuna" ere. Gomendioetan, bere ideietan sakontzea gomendatzen dute, mezua argitzea hainbat kontutan, aniztasuna zaintzea, bere mezuari egokitutako jarduna ezartzea, eta beste erakunde eta alderdi politikoekiko independentzia bermatzen jarraitzea.
Jarrera aldaketa lantzen
"Eskozia eta Kataluniako ordezkarien jarrera hango gizarteen jarreraren isla da. Hemen gure ordezkariena ez bazaigu gustatzen, geure burua aztertu behar genuke, ea zein den gure jarrera ikusteko". Oiarbideren ustez ez da utopikoa pentsatzea gizarte zibilaren jarrera eta exijentziak aldatzen badira ordezkari politikoena ere aldatuko dela. "Kataluniarrek erakutsi digute hala dela, egun han prozesua gidatzen ari diren ordezkariak orain bost urte zeuden berak dira. Baina beste jarrera bat daukate, beren ordezkatuen jarrera aldatu egin baita. Eta ordezkari izan nahi baduzu, edo herritarren jarrera barneratzen duzu ala oso zaila izango zenuke ordezkari izaten jarraitzea".
"Helburuen mailak adinako perspektiba behar dugu erabakitzeko eskubidearen alde gaudenok. Proportzionala. Helburu handiak badauzkagu, galderak behar du zer daukagun komunean. Dinamika gisa perspektiba hori daukagu, horregatik, mugimendua egituratzea komeni zaigu, hurrengo pausoak eraginkorrak izan daitezen".
Oiarbidek argi du Gure Esku Dago ez dela ordezkarien aurka egiteko sortua, herritarren protagonismo sentimendua elikatzea helburu duen tresna baizik. Behin herritarrak ahaldunduta, ordezkariengan isla ikusi beharko dela sinesten dute. "Uztarri beretik joan behar dugu ordezkari eta ordezkatuek, eraginkor izan nahi badugu herri gisa, ahalik eta eragile gehienek". | news |
argia-16feff75eab8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/glocal-cinema.html | Islandiako eta Esloveniako zinema ezagutu nahi? | Malen Aldalur | 2015-11-01 00:00:00 | Islandiako eta Esloveniako zinema ezagutu nahi?
Istorio handiak, herri txikiak. Zaku horretan sartu dezakegu Euskal Herria ere. Herri txiki izanagatik makina bat istorio ditugu kontatzeko gure hizkuntzan. Euskara eta beste hainbat mintzaira ez hegemoniko ikusarazteko asmoz Europako hamabost herrialde eta estatuetako ordezkariek manifestua sinatu zuten 63. Donostiako Zinemaldian: Glocal cinema: Big stories, small countries.
Orain urte eta erdi inguru abiatu zuten proiektua; hainbat bilera egin dituzte zine-jaialdietan estatu eta herrialdeetako ordezkari politikoek, eta aurtengo Donostiako Zinemaldia baliatu dute egikaritu eta "bataiatzeko". Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak azaldu duenez, Donostiako Zinemaldia bihurtu nahi dute Glocal cinemaren erreferente.
Hizkuntza ez hegemoniko horien artean daude ingelesa, frantsesa, alemana eta gaztelania salbu gainerako hizkuntza europar guztiak. Beraz, bistakoa da errealitate oso ezberdinak dituzten hizkuntzen arteko elkarlana sustatzea dela manifestuaren asmoa. Europan gehien ikusten diren filmen artean, 20tik 18 hizkuntza hegemonikoetan ekoitziak dira. Miren Aperribai Atera Films ekoiztetxeko zuzendariak honela azaldu du: "Esan dezakegu, gaur egun merkatu garrantzitsuenetan, esaterako, Berlinen eta Cannesen, hizkuntza hegemonikoetan grabatutako pelikulek menperatzen dutela merkatua. Beraz, garrantzitsua da hizkuntza ez hegemonikoetan fokua jartzea eta pelikula horientzat merkatu eta zirkuitu bat bilatzea; ekoizpen, banaketa eta ikusgarritasunean".
Proiektu honen bitartez EAEko zine aretoetara hizkuntza ez hegemonikoak ekartzea dute helburu, noski, euskaraz azpititulatuta, eta gauza bera lortu nahi dute euskarazko filmekin gainerako herrialdeetan: " Loreak eta Amama filmek lortutako ikusgarritasunak argi uzten du posible dela", bat egin dute horretan Muñozek eta Aperribaik.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deituta bildu ziren Norvegiako, Estoniako, Letoniako, Finlandiako, Danimarkako, Poloniako, Suitzako, Galesko, Esloveniako, Irlandako, Islandiako, Friuli-Venezia-Juliako eta Euskal Herriko ordezkari instituzionalak Donostiako Zinemaldian. Muñozek azaldu du euskarak dituen arazoen antzekoak dituztela Europako beste zenbait herrialdek ere: "Zergatik ez dugu elkarrengandik ikasten? Zergatik ez dugu sare bat biltzen?". Egungo egoeraren aurrean Europan lobby antzeko bat sortzearen beharra azpimarratu du.
Europa kulturalki anitza da. Zenbaitetan, ordea, aniztasun hori merkatuaren zatiketa bezala ulertu ohi da. "Europak teorian apustu egiten du dibertsitatearen alde; baina ez dugu nahikoa indar beste herrialdeetan gure buruaren berri emateko", azaldu du Muñozek. Izan ere, sailburuaren hitzetan euskara ez da etxerako kontu bat soilik: "Euskarak kanpora begirako leiho izan behar du".
Elkarrekin indartsuago
Honakoa da lortu nahi dutena: zinema industriako eragileei elkarlanean aritzeko plataformak eskaintzea, proposamenak garatzea eta erronka berriei elkarrekin aurre egitea. "Maiz esaten dute euskaraz ekoizteko orduan esaterako, masa kritikorik ez izatea dela arazoa baina arazo hori ez da gurea bakarrik", azaldu du Kultura sailburuak. Zinemagintzan euskaraz dihardutenen arazo antzekoak dituzte estatu eta estaturik gabeko herri askok; elkar babestearen eta elkarlanean aritzearen garrantzia azpimarratu du.
Manifestuaren sinatzaileen hitzetan sortzaileek eta ekoizpen etxeek euren artean harremanak izatea aberasgarria da denentzat: "Kooperazioa bideratu behar da", dio Muñozek. Antzeko egoeratan lan egiten dutenen artean kidetasuna, interesa eta arreta lortzea errazagoa izango delakoan daude: "Errazago identifikatuko gara hizkuntza ez hegemonikoan lan egiten duen batekin Londresen ingelesez egiten duen batekin baino". Argi du Muñozek: "Zubiak egiten hasi gara baina sareak egin nahi ditugu".
Prozesuan zehar Eusko Jaurlaritza zinemagintzako Euskal Herriko zenbait eragilerekin bildu da, proiektuaren berri eman eta euren ekarpenak jasotzeko: "Guk sareak jartzen ditugu, euren esku dago sare horietatik zer eta nora joango den erabakitzea".
Eragile horietako bat da Atera Films; euskarazko filmak eta dokumentalak banatzen dituzte nazioartean, baita Europako film ugari euskaraz azpititulatu eta bikoiztu ere. Aperribai Atera Filmseko zuzendariak azaldu du Gobernua ideia hau mugitzen hasi zenean, deitu zietela proiektua ezagutarazi eta ideia berriak jasotzeko asmoz. Aperribaik parte hartu zuen Berlinen egin zuten lehenengo bileran: "Eguneroko lanean ez egon arren proiektua babesten dugu; behar denean lagunduko dugu eta ematen dituen pauso guztiak jarraitzen ditugu".
Eragile bakoitzak bere ekarpena egingo dio proiektuari, nork bere esparruan. Atera Filmsek esaterako, merkatuaren eta produktore zein agente kulturalen inguruan duten ezaguera eskaini dezaketela azaldu du.
Aurrera begira
Aurrera begira hainbat asmo dituzte manifestuaren sinatzaileek. Esaterako, Glocal cinemaren logotipoa egin nahi dute; "hizkuntza ez hegemonikoetan ekoitzitako filmak identifikagarriak izan daitezen", azaldu du Aperribaik. Bide beretik hitz egin du Muñozek eta azaldu du ezinbesteko ezaugarria dela filmak identifikatu ahal izateko. Horrekin batera webgunea eta sare sozialak ere abiaraziko dituzte.
Proiektua kanpora begirako leiho bat irekitzeko asmoz sortu da, eta beraz, euren asmoen berri eman behar dute nazioartean. Horretarako publizitate kanpaina prestatuko dutela aurreratu du Aperribaik. Azkenik, aurrera begira nork bere herrialdean konpromiso instituzionalak lortzearen garrantzia nabarmendu du zuzendariak; baita, aliatuak lortzearen beharra ere: "Ezinbestekoa izango da Europan gure produktuak banatzea, trukatzea eta denon artean hizkuntza hegemonikoetatik kanpo dauden zinegileen lanak ikusaraztea".
Donostian egindako bilerak jarraipena izango du; hurrengoa, Berlingo Zinemaldian izango da. Lau helburu nagusi landuko dituzte: lan taldea sortzea, kooperazio eta topaketak sustatzea, zinema europarraren hizkuntza aniztasunaren inguruko ezagutza handitzea eta ikusgarritasuna areagotzea. "Zinema jaialdietan topaketak egin ditugu eta egingo ditugu, baina hala ere, etengabe gaude herrialdeekin kontaktuan, batez ere, posta elektroniko bidez", azaldu du sailburuak.
Badirudi, ondo bidean, laster EAEko zine areto askotan hizkuntza ez hegemonikoetan ekoitzitako filmak euskaraz azpititulatuta ikusteko aukera izango dugula. Euskaraz ekoitzitakoek berriz, Europako hainbat herrialdetan izango dute lekua. | news |
argia-17dfed2e754a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/bideo-jokoak.html | Markak hautsi dituen merkatuan gure lekua egitea xede | Jon Torner Zabala | 2015-11-01 00:00:00 | Markak hautsi dituen merkatuan gure lekua egitea xede
Dozena erdi marra eta zirkuluk osatutako proiektuetatik ekoizpen izugarri ikusgarrietara. Lekutan geratu dira txanpon bidez funtzionatzen zuten arkade makinak. Kontsola sofistikatuak, 80 euroko jokoak, Internet, mugarik gabeko interakzioa, jokalari profesionalak, babesleak, txapelketa erraldoiak… Etengabe haziz doan negozioa da bideo-jokoena. Jokoz kanpo ez geratzea, hori dute gurean hainbatek misio.
20.000 ikusle har ditzake Los Angeleseko (AEB) Staples Center pabilioiak. Lepo ageri da 2013ko argazkian (goian), League of Legends (LOL) bideo-jokoaren Munduko Txapelketako partida bat hasi aurreko kontzertuan. Edizio hartan 32 milioi lagunek jarraitu zuten lehiaketa, bertatik bertara batzuek eta Internet bidez gehienek. Ostiralean, urriak 30, jokatuko da aurtengo finala Berlinen. Paris, London eta Bruselako sailkapen faseko partidek milaka eta milaka ikusle erakarri dituzte, jende bati harrigarri gerta dakiokeen fenomeno gero eta globalagoa medio.
Aurtengo final-erdietako partida bateko irudiak dituzue hemen, txapelketak duen dimentsioaren erakusgarri:
Zerk eraman ditu pertsona horiek guztiak kirol estadioak betetzera? Zerk ordenagailuko pantaila aurrera? "Eta zerk eramaten ditu astero-astero milaka lagun futbola ikustera? Gustuko dute", erantzun digute Urtzi Odriozola eta Xabier Calvo Game Erauntsia komunitateko kideek, euskaraz aritzen diren jokalariek osatua. Futbol taldeak, baina, identitate-ikur dira hein batean, sentimenduek lotzen gaituzte klub batera edo bestera... saiatu gara arrazoitzen. "Euskal Herrian oraindik ez da halako mugimendurik sumatzen, baina helduko da. Baskonia Atlantis taldeak adibidez bere jarraitzaileak izango ditu". Baskonia Atlantis? "Bai, Gasteizko saskibaloi klub ezagunak eta Atlantis eSports enpresak abiatu dute proiektua. Hamabost jokalari profesionaleko taldea eratu berri dute, kirol elektronikoen mundu osoko txapelketetan lehiatuko dena".
Aitzindaria da akordioa. Turkiako Besiktas eta Alemaniako Wolfsburgo futbol kluben izenak bideo-joko desafioei loturik izan dira lehenago ere, baina modu honetan fusionatzen diren aurrenekoak dira Baskonia eta Atlantis. Saskibaloi klubak azaldu du bere marka nazioartean sendotu eta negozio-bideak handitu nahi dituela, publizitate-aktibo berriak sortzea ahalbidetu dezakeen merkatu gero eta zabalagoan. Taldearen babesle nagusia Mars Gaming da, bideo-jokoen erabiltzaileei zuzendutako produktuak fabrikatzen dituen enpresa.
Kirol elektronikoak edo eSports deitutakoak jokalari profesionalak biltzen dituzten txapelketak dira, ez derrigor kirol baten inguruko bideo-jokoenak. FIFA eta NBA2K modukoen lehiaketak egiten dira, baita LOL, Hearthstone, Dota2, CS:GO edota Call of Duty bezalakoena ere. Duela hamabost bat urte sortu ziren Asian, bereziki indartsu Hego Korean. Urtean 18.000 milioi euro mugitzen duen industria da; badira txapelketak bi milioi euroko sariak banatzen dituztenak, eta jokalari onenek denboraldi bakoitzean 500.000 euro baino gehiago irabazten dute soldata, babesletza, merchandising , irudi eskubide eta gainerakoetan. Kirol elektronikoek AEBetako NBA saskibaloi ligaren audientziak gainditzen dituzte. 205 milioi lagunek ikusi edo jokatu zituzten 2014ko txapelketak. Espainiako Estatuan, hazkunde fasean den merkatuak 3,7 milioi ikusle eta 763 milioi euro mugitzen ditu gaur egun, 2013an baino %31 gehiago. Soilik kirol elektronikoak hartuko dituen 15.000 lagunentzako estadioa eraikiko dute 2017rako Txinan. 2014ko LOL jokoaren finalak 45.000 lagun bildu zituen Seulgo (Hego Korea) World Cup futbol estadioan. Erotzekoak dira zifrak. Euskal Herriak ere ez dio jokatzeari muzin egin. Azaroaren 20 eta 21ean Europa mailako GameGune txapelketaren 15. edizioa egingo da Bilboko Guggenheim museoan. Euskal Encounter jaialdiaren baitan hamaika edizio antolatua, bitan Mexikoko Aldea Digital topaketetan, eta iaz ekitaldi bereizi gisa Euskalduna Jauregian, HearthStone karta-jokoa izango du aurten ardatz.
'Counter Strike' jokoa izan du gaur arte ardatz GameGune txapelketak. Aurten, ordea, 'HearthStone' da protagonista (Argazkia: Euskal Encounter)
Euskal sektoreaz hitz egitea, gehitxo?
Bideo-joko modernoen historia 1950eko hamarkadan hasi zen (ikusi beheraxeago dagoen grafikoa). Duela gutxi, beste sektore batzuekin alderatuz gero. Hazkunde izugarri bizkorra izan du, ordea, eta zinemak eta musikak, biek batera, osatzen duten merkatua gainditu du jada. 2011n 35.000 milioi euro inguru mugitu zituen, 2013an 65.000 milioi… eta aurreikuspenen arabera, 2016an 75.000 milioi euroko langa gaindituko du. Halaber, bideo-jokoen erabiltzaile aktiboak 1.000 milioi inguru izango direla uste da. Ulertzekoa da, beraz, Baskoniak abentura honi ekitea.
Zein da, baina, bideo-jokoen merkatuak Euskal Herrian bizi duen egoera? Zein garapen izan du, 1985ean Juan Jose Epalza bizkaitarrak eta 1987an Zeus estudio donostiarrak Made in Euskal Herria zigiludun lehendabiziko jokoak ( Frogger eta Hundra ) sortu zituztenetik?
"Ezin dezakegu industria-sektore bati buruz hitz egin, euskal enpresa gutxi baitira bideo-jokoen negozioan murgildu direnak, eta lauzpabost langile besterik ez dituzte guztiek", azaldu digu Julen Zaballa kazetari eta community manager leioarrak. Load proiektua: Euskal bideo-jokoaren historia (1985-2009) ikerketa-lan mardula osatzen ari da Donostiako Tabakalera zentroak bultzatuta.
Dioenez, bereizi egin behar dira entretenimendura zuzendutako ekoizpenak –erreportajean hizpide ditugunak– eta serious game deitzen direnak, simulazio-joko eta gisakoak, gehiago bideraturik daudenak hezkuntzara edota formaziora. "Bigarren horiei dagokienez sektore indartsu samarra dugu, hura da bideo-jokoen munduan gehien fakturatzen duen arloa. Apustu seguruena da, produktu itxia egin eta hainbat bezerori saltzen zaio. Entretenimenduan oinarritutakoek, aldiz, zailtasun gehiagori egin behar diote aurre. Joko on bat sor dezakezu, baina jendeak erosi egin behar du eta horretarako ezinbestekoa da produktua ezagutzea; publizitate-plan sendorik ez badago… Ataka berean dira frantziar eta espainiar garatzaileak".
"Apple edota Android-en denda birtualetan joko berrienak goialdean ageri dira, baina inork ere ezagutzen ez bazaitu desagertu egingo zara". (Julen Zaballa)
Mugikorrek bide berriak zabaldu eta jokoak ikusgai bihurtzen lagundu ote duten galdetu diogu. "Enpresak konturatu dira smartphoneak-eta ez direla panazea", azaldu digu: "Garai batean esaten zen edonork egin ahal izango zuela joko bat, eramangarriek ate ugari irekiko zituztela. Lehendabiziko urratsa emateko agian bai, ondoren datoz komeriak ordea, produktua saldu behar denean. Apple edota Android gailuen denda birtualetan joko berrienak zerrendaren goialdean ageri dira, baina inork ere ezagutzen ez bazaitu aplikazio itsaso erraldoi batean hondoratu eta desagertu egingo zara. Lauzpabost hilabete lanean ematea horretarako…". Publizitatean gehiago inbertitzeak lagunduko lukeela uste du, nahiz eta kontuan izan behar den "dirutzaz" hitz egiten ari garela: "Konpainia handiek milioika euro gastatzen dute marketin kontuetan. Candy Crush, Angry Birds… Merkatu konplikatua da, horregatik azken urte eta erdian Bilboko Delirium Studios eta Relevo Videogames bezalako enpresek erabaki dute kontsoletarako joko indien alde apustu egitea.
"Independentzia" akuilu
Kontsolen munduan ohikoa da multinazionalek bizpahiru urte ematea AAA mailako joko handi bat sortzeko, lan eskerga baitago atzean: diseinua, programazioa, musika, argazkiak, gidoia, bikoizketa… Joko arrakastatsuenek pelikula baten tamainako esfortzua –eta aurrekontua– eskatzen dute. Denbora tarte horretan merkatua dantzan mantendu ahal izateko, haien katalogoetan bestelako joko batzuk txertatzea komeni zaie, eta zirrikitu hori baliatzen dute proposamen "alternatiboek", hutsunea bete dezaketen heinean.
Terminoak sortzen duen eztabaidetan katramilatu gabe, esan dezakegu joko indie edo independenteak direla garatzaile txikiek egindako ezohiko produktuak, maneiatzeko errazagoak, sinpleagoak nahi bada, grafikoki ez hain indartsuak baina ukitu artistiko berezia dutenak. "Haien puntu ahulak zeintzuk diren badakite eta beste esparru batzuk, sormena adibidez, indartzen saiatzen dira", diosku Game Erauntsia komunitateko kide Xabier Calvok. Aliceren ibaiak dugu adibide, Delirium Studios enpresak aurkeztu berri duen abentura grafikoa, kontsola batean –Nintendoren WII U makinan– joka daitekeen euskarazko lehendabizikoa.
Euskarazko ekoizpenari heldu aitzin, agendarako hitzordu bat: AzPlay Nazioarteko Bideo-joko Independenteen 6. Lehiaketa, orain arte HóPlay izena zuena, azaroaren 26tik abenduaren 1era bitartean egingo da Bilboko Azkuna Zentroan (Alondegian). Sektoreko enpresa, profesional eta zaleen elkargune izateaz gain, proiektu berriak laguntzeko plataforma ere bada; 5.000 euroko sarietako bat, esaterako, euskal bideo-joko onenari emango zaio.
Lokalizazioak, garesti
Kontsola baterako euskarazko aurreneko bideo-jokoa 2015. urtean ateratzeak agerian uzten du hizkuntza minorizatuek merkatu lehiakor honetan kosk egiteko dituzten zailtasunak. "Nintendok eta gainerako multinazionalek euren sistemetan ez dute euskara txertaturik, ezta katalana ere, hurbileko adibide bat jartzearren", azaldu digu Zaballak.
Calvoren hitzetan, Euskal Herriko garatzaileentzat "oso-oso zaila da" euskarazko produktuak errentagarriak izatea: "Beste hizkuntza batean sortuta ere nekez lehia gaitezke enpresa handiekin; begira Relevo, Baboon! jokoa ingelesez argitaratu zuen zuzenean". Odriozolak uste du Electronic Arts (EA) eta enparauek euskarazko jokoak merkaturatzea "ezinezkoa" dela. Azaldu digu EAri eskaera luzatu zitzaiola FIFA ren euskarazko bertsioa ateratzeko. Multinazionalak erantzun zuen kodeak ireki eta prest legokeen edonori aukera emango ziola itzulpena bere kabuz egiteko… baldin eta jokoaren 100.000 ale salduko zirela ziurtatzen bazuen. "Izugarri zaila da kopuru horretara heltzea".
"Euskarazko merkatua txikia da. Gainera, mugikorretarako jokoek ez dute sakontasun handirik; komandoak ingelesez ere edonork uler ditzake". (Xabier Calvo eta Urtzi Odriozola)
Produktuaren tripetan egin beharreko aldaketez harago, jokoa euskaratzeak esan nahi du lokalizatu egin behar dela, beste hizkuntza batean dauden esaera, hitz-joko, txiste eta gainerakoak gurera egokitu, edozein film, telesail edo libururekin egiten den moduan. Eta horrek denbora eskatzen du, lantalde bat martxan jartzea, dirua azken finean. "Itzulpenak hasiera-hasieratik hartu behar dira aintzat, jokoa amaituta dagoenean hasiz gero argitalpen data nabarmen atzera daiteke", azaldu digu Odriozolak. "Badira jokoak ahotsak ingelesez soilik grabatu, baina azpitituluak beste hizkuntza batzuetan ere eskaintzen dituztenak. Ez dakit horrelako zerbait egiterik izango litzatekeen. Halaber, mugikorren unibertsoan argi egitea konplikatua dela deritzote Game Erauntsiko kideek: "Gure merkatua ikaragarri txikiagoa izateaz gain, kontuan izan behar da jokoek ez dutela sakontasun handirik, eta komandoak ingelesez ere ia edonork uler ditzakeela".
Entretenimendu hutsezko euskarazko lehendabiziko bideo-jokoak, PC ordenagailuetan erabiltzekoak, 2000. urtean argitaratu ziren, Estropadak lehenengo eta Mendizaleak apur bat beranduxeago, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Errenteriako 3DNewsTV enpresaren eskutik. Jai Alai Sport modukoak etorri ziren gero, Elhuyarrek garatutako abentura grafikoak… Ez dira asko, baina badira adibideak: Oroimenaren lapurrak, Hiru mosketariak, Kao-Sumendiko sekretua, Armix sagako hiruak … Haur eta gazteei zuzendutako ekoizpenak dira oro har.
Egin klik irudiaren gainean handiagoa ikusteko.
Erakundeek bulkadari heltzea xede
Gero eta herritar gehiago aritzen da bideo-jokoetan, izan kontsola, ordenagailu edo mugikorretan. Internetek mundu osoko erabiltzaileak jarri ditu lehian, lehian dira multinazional handiak, produktu arrakastatsuena nork sortuko. Eurentzat ur handiegiak ez direla demostratzea dagokie tokian tokiko enpresa eta gainerako eragileei. Erabiltzaileak ari dira lanean, Game Erauntsia lekuko, 260 kide baino gehiago dituen bideo-jokoen euskal komunitatea, euskara ardatz, txapelketak antolatzen dituena, itzulpenak egin, tailer eta hitzaldiak eman eta, administrazioarekin harremanak sendotu eta diru-laguntzetara aurkeztea xede, elkarte izateko bidean dena. Administrazioa. Sektoreak eskaintzen duen abagunea aintzat hartuta, erakunde publikoek ahalegin handiagoa egin beharko luketela uste dute gure solaskideek, itzulpenekin lagundu edota nazioartean presentzia irabazi aldera, BasqueGame enpresa-taldeak bilatzen duen moduan. 2011n sortu zuten HóPlay jaialdiaren ingurumarian Virtualware, Gestionet Multimedia eta Ikasplay enpresek, Tecnalia korporazioak, Ideateca eta Delirium estudioek, Digital5 aholkularitza zerbitzuak, Bigorringo musika estudioak, Vocento komunikazio taldeak eta bideo-jokoak garatzeko ikasketak eskaintzen dituen DigiPen nazioarteko institutuak, Europako campus bakarra Bilbon duenak. Gaia klusterraren parte da gaur egun BasqueGame.
Julen Zaballak, bestalde, Euskal Encounter bezalako egitasmoek duten garrantziaz hitz egin digu: "Programatzaileen harrobi oparoa izan da, elkar ezagutu eta esperientziak partekatzeko ezinbesteko topagunea. Pyro Studios enpresa espainiarrak, adibidez, han aurkitu zituen gazte talentu zenbait. Commandos sagako jokoen kredituei begiratuta ohartuko gara lantaldeko jende dezente euskalduna dela".
Euskal ekoizpenek eta euskarak bidea egin dezaten eragile orok esku hartu beharko du, topiko bihurtu den leloa iduri dakigukeen arren. Jabetu behar gara bideo-jokoena ez dela lau katu xelebreren kontua, jende eta diru mordoa mugitzen duela, pantailaren erdi- erdian Game Over mezu etsigarria agertzerik nahi ez badugu behintzat.
Gizon (ausarten) kontua
Wii moduko kontsolek eta mugikorrek lortu duten arren ia mundu guztia bideo-jokoetan aritzea, gizon eta emakume kopuruen artean alde handia dago oraindik, pantaila aurrean denbora asko ematen duten hardcore erabiltzaileen kasuan bereziki. Baskonia-Atlantis dugu adibide: hamabost jokalari profesionalak gizonezkoak dira. Hain justu, haien aurkezpen argazkiak (azpian) bide eman digu Game Erauntsia komunitateko kideei bideo-jokoen munduari leporatzen zaion matxismoaz galdetzeko.
Uztailean egin zuten Baskonia Atlantis taldearen aurkezpen ofiziala.
"Aurreiritziek eta han-hemenka irakur daitezkeen zenbait iruzkinek neskak urrundu dituzte. Jokoetako pertsonaiak ere halakoxeak dira: mutil indartsuak batetik, Tomb Raider bezalako emakume hipersexualizatuak bestetik. Call of Duty, Grand Theft Auto … Joko horiek guztiak, Play Station kontsolakoak oro har, mutilei zuzendurik daude; neskei aldiz Nintendorenak, puzzleak-eta. Denboran irauten duen gurpil zoroa da, emakumeak bigarren planoan mantentzen dituena. Begira Mario , aspaldiko joko bat aipatzearren, gizonezkoak printzesa salbatu behar du… Eta printzesak sekulako bularraldea ez badauka, garai hartako programatzaileek hala diseinatzeko nahikoa baliabiderik ez zutelako da. Gauzak aldatzen ari dira, baina…". | news |
argia-b11b0ca02d0c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/josu-reparaz-leiza.html | "EAEn izan genuen publifikazioaren esperientzia eta oso mingarria izan zen" | Reyes Ilintxeta | 2015-11-01 00:00:00 | "EAEn izan genuen publifikazioaren esperientzia eta oso mingarria izan zen"
Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari berria azken 16 urteotan Lizarra Ikastolako zuzendaria izan da. Ikastola horretako 700 bat ikaslek eta irakaslek, egunero klaseekin hasi aurretik, sintonia saioak egiten dituzte arnasketa kontziente ariketen bidez, lanari lasai eta gogoz ekiteko.
Betidanik sentitu duzu irakaskuntzaren grina barruan?
Txiki-txikitatik ibiltzen nintzen irakasle jolasetan. Arbizuko eskolan hasi eta handik Etxarrikora joan nintzen. Gero fraideekin Arantzazun bi urte eta beste hiru Gernikan, Foruan. Horren ondotik Magisteritza ikasi nuen Iruñean eta 1986an, Lizarran lanean hastearekin batera, Euskal Filologia hasi nuen Gasteizen. Irakaskuntza beti gustatu izan zait asko. Aitak tailer bat zeukan Etxarrin. Anaiak argi zeukan mekanika gustuko zuela, eta nik aldiz, irakaskuntza. Oso gazte hasi nintzen klase partikularrak ematen. Umeekin eta gazteekin beti ibili izan naiz oso gustura.
Zuk haurrik ez duzu?
Ez dut tentazio hori izan orain arte bederen.
Arbizutik Lizarrara joan zinen. Aldaketa zer moduzkoa izan zen?
Izugarria. Tokia erabat desberdina zen eta ez nuen inor ezagutzen. Beharrik lau irakasle gazte aldi berean iritsi eta elkarrekin bizitzera joan ginen. Hiru urte eman genituen elkarrekin, bakarrik bizitzera joan nintzen arte. Nire txokoa egin dut Lizarran eta oso urte onak izan dira benetan. Berehala sentitu nintzen etxean bezala. Aukera izan nuen kultur mugimenduetan parte hartzeko, Elgacena aldizkariko erredakzio batzordean partaide izan nintzen urtetan, adibidez. Gainera artez betetako hiria da. Alde Zaharra ikusgarria, eta Lizarrak duen argia beti zoragarria iruditu zait.
Euskal Herriko Mediterraneoa?
Antzeko zerbait. Astelehenero Arbizutik Lizarrarako bidea egitean, Lizarragako tunela pasatu eta lainopetik giro eguzkitsura pasatzean beti izan dut halako poz sentsazioa.
Eta ikastolan zer giro aurkitu zenuen?
Gurasoen konpromisoa oso handia zen. Haurrek euskaraz ikas zezaten eta ikastolatik kanpo euskaraz hitz egin zezaten nahi zuten, testuingurua ia erabat erdalduna izan arren.
Gurasoen jarrera aldatu da gaur egun?
Nik uste dut baietz. Ikastola handitu da eta orain jende askok aukeratzen du ikastola ez soilik euskaragatik, baizik eta bere hezkuntza proiektuak sortzen duen interesagatik. Duela zenbait urte ez zen ohikoa ikasle bati entzutea papá, mamá edo colegio, eta orain bai.
Agian kontzientzia ez da horren handia gaur egun, baina aldiz, euskaratik urrun zegoen jendea hurbildu da euskarara ikastolen proiektu pedagogikoak erakarrita. Euskara ez zaie arrotz eta eroso sentitzen dira. Beraz, ikastola normalizaziorako elementu garrantzitsua izan da. Inoiz pentsa ezin zitezkeen familiak euskarara hurbiltzea oso positiboa izan da.
Hermoso de Mendoza burtzikaria, adibidez?
Adibidez. Edo aurreko gobernuko Kulturako zuzendari orokorraren semea. Halako familia ezagunak badira Lizarran eta horietako batzuk erakartzea lortu du Ikastolak.
Lizarra Ikastolak 45 urte egin ditu, baina lehen ikastola, gerraurrean izan zen.
1931tik 1936ra. Nafarroan garai hartan sortu ziren hiruretako bat, Iruñekoarekin eta Baztangoarekin batera. Beti egon da Lizarran euskal kulturarekiko interesa. Petra Azpirotz leitzarra izan zen lehen andereñoa. Oso baliabide gutxirekin lortu zuen pedagogia aldaketa handia egitea. Lortu zuen, esate baterako, ikasleekin kalera ateratzea, kantuan aritzea… Oraindik bizirik daude han ibilitako ikasle batzuk eta hori gogoratzen dute.
Zeintzuk izan ziren ikastolen ekarpenak?
Ikastolak euskarazko irakaskuntzaren sortzaileak dira eta sorreratik bertatik berrikuntzak funtsezkoak izan dira. Adibidez, hasiera-hasieratik ikasleak ez ziren sexuaren arabera bereizten. Ikaslea jarri izan da beti hezkuntza prozesuaren erdian eta esperimentazioak garrantzi handia izan du beti.
Irakasleak ez daki dena eta ikasleek ezer ere ez. Ikasleak gauza asko dakizki eta irakaslea ikaslearen interesa areagotzeko eta asetzeko bitartekoak jartzen dituena da. Ikasten dituen gauza guztiek kanpokoarekin lotura badutela ikusaraziz lagundu egiten dio ikasleari. Oso ideia berritzaileak dira horiek. Ikastolen beste ezaugarri bat izan da gurasoak partaide aktiboak izatea. Ikasle guztiek ikusten zituzten aitak eta amak ikastolako hormak margotzen edo patioa garbitzen, eta ondorioz ikasleek ez zuten ikastola toki arrotz edo txartzat. Familien interakzioa oso garrantzitsua da. Eta hizkuntzen irakaskuntzan ere aitzindariak izan dira ikastolak. Lizarra Ikastola Nafarroako bigarrena izan zen ingeles goiztiarra eskaintzen. Hizkuntzak ez dira borrokarako tresnak. Ikastolek hasieratik oso garbi izan dute hemen gaudela, baina munduari irekiak. Horregatik, egun ingelesa eta frantsesa ikasten da ikastoletan, eta alemana ere gero eta gehiago, orduz kanpoko jarduera gisa. Gaur egun, hizkuntzen irakaskuntzaz hitz egiterakoan batzuk bolbora asmatzen ari direla ematen du, baina hori da ikastoletan aspalditik egiten ari garena. Murgiltze eredua ere ikastolen asmakizuna izan zen. Ez zekiten horrek zer ekarriko zuen zehatz-mehatz, ez zegoelako aurreko esperientziarik, baina horren aldeko apustua egin zuten oso modu intuitiboan eta gaur egun ikusten da hori dela modurik hoberena ama hizkuntza ez den beste bat ikasteko.
Eta gaur egun?
Ikastolek dituzten proiektu batzuk gaur egun Europan abangoardia dira. Hezkuntzan oso ingeniaritza interesgarria sortu da azken urte hauetan: ikasleak badu aukera ikasten ari den guztia beste testuinguru batzuetan aplikatzeko. Ikasi dituen baliabideak edozein mementotan erabiltzeko prest ditu bere beharretarako. Oso kontzeptu aurrerakoia da. Hizkuntzetan, adibidez, proiektu berezi bat egin dugu hizkuntzak erabilgarri izateko.
Halako proiektu berritzaileengatik, adibidez, hautatu zuten iaz Lizarra Ikastola Nafarroako ordezkaria izateko Oviedon egin zen Estatuko eskola kontseiluen berrikuntzen inguruko bilkuran.
Ikastetxe publikoek baino autonomia handiagoa duzue halako proiektuak aurrera eramateko?
Guk esaten dugu eredu publiko-pribatu horretatik at gaudela, kooperatibak garelako. Euskal hezkuntzaren autoeraketarako erakundeak gara ikastolak. Autogestioak baimentzen digu askatasuna. Gu geu gara gure curriculumaren arduradun. Kanpoko gobernu batek ez digu esan behar zer egin behar dugun. Gure baliabideak, eta hitzartutako baliabide publikoak, modu eraginkorrez kudeatzeko gai garela erakutsi dugu urte hauetan, gure irizpideen eta identitatearen arabera funtzionatzeko ahalmena dugula. Autogestioa eta autoeraketa gure oinarrizko kontzeptuak dira, eta zentzu horretan, publikoak baino publikoagoak gara, gurasoak direlako kooperatibistak eta zuzenean parte hartzen dutelako kudeaketan eta erabakietan. Lan-taldeak oso egonkorrak dira eta horrek bide ematen du proiektu konplexuak aurrera eramateko.
Irakaskuntza publikoaren aurka ez dugu ezer, noski, baina gure autonomiak gauzak beste modu batez egiteko aukera ematen digu eta horrek hainbat sari eta aitorpen garrantzitsu ekarri izan digu. Adibide moduan aipa daitezke duela urte batzuk English Speaking Union erakundeak emaniko President's Award, material didaktiko onenari, edo duela hiru urte Europako Positive schools proiektuan psikologia positiboa sustatzearen alde egiten ari garen lana. Kanpoko probetan ere oso emaitza onak lortzen dituzte beti gure ikasleek. Oso ongi prestatuak ateratzen dira. Guk ikasle autonomoak eta pentsatzen dakitenak nahi ditugu. Ikasle, irakasle eta familiaren triangelua oso garrantzitsua da eta etengabe dago aktibatua.
Azken asteotan behin baino gehiagotan galdetu zaio Mendoza Hezkuntza kontseilariari ikastolak sare publikoan sartzeko aukeraz.
Guregandik ez da atera asmo hori. EAEn izan genuen publifikazioaren esperientzia eta oso mingarria suertatu zen eta oso gatazkatsua, baita familien artean ere. Hortik gauza asko ikasi dugu. Merkeago ateratzen zaie familiei sare publikoan egonda, baina kooperatibaren izaerak ematen zien autonomia guztia galduta. Badakigu Nafarroako hegoaldeko zenbait ikastola oso egoera ekonomiko larrian daudela, baina horretarako dago elkartasuna, ikastolek beti erakutsi dutena. Hori da gure sarearen beste indargune bat. Maila ekonomikoan eta besteetan ere, sare bereko kideak gara hamabost ikastolak.
Baina D eredu publikoa zabalduko da orain Nafarroa osora. Agian ikastola batzuk ez dira beharrezkoak izanen etorkizunean.
Nafarroan kezkagarria da gertatzen ari dena. Une honetan Tuteran, Irunberrin, Vianan, Lodosan… euskaran murgiltzeko aukera bakarra ikastolek ematen dute. Nahiz eta Tuteran D ereduko lerroa ireki eskola publikoan, ikasle gutxi horiek ia erabat erdalduna den ikastetxean euskaran murgiltzeko duten aukera askoz ere murritzagoa izanen da ikastolan baino. Gu erabat ados gaude lege berriarekin, eta euskaraz ikasteko emango duen aukerarekin, baina arazoa da gaur egun hainbat tokitan dauden kopuruek ez dutela bi zentro motak mantentzeko adina ematen. Nafarroako Ikastolen Elkartetik eskatu diren ikerketa soziologikoek diote, adibidez, Tuteran eta Lodosan %10 baino gehiago ez direla D eta A eredua aukeratzeko prest dauden familiak. Gure beldurretako bat D eredu publikoa irekitzen den tokietan ikastolen kontzertuak galduko ote diren da. Hori gertatzekotan, murgiltzea benetan kolokan jarriko litzateke, ez dakigulako etorkizunean zer gobernu izanen dugun, eta zer baldintza, zer ratio, jarriko ote dituen.
Nafarroako Gobernuaren eskuzabaltasuna behar da, gutxienez egoera egonkortu arte. Kontzertua eta egun ditugun ratio malguak ezinbestekoak ditugu murgiltze eredua ziurtatzeko.
LOMCEk zer eragin du zuengan?
LOMCEk duen arrisku handienetakoa errebalidak dira. Ikasleak DBH bukatutakoan azterketa gainditu behar du titulua eskuratzeko. Ikastetxeak harrapatzeko asmatu duen formula da, lan molde bat inposatzen digu. Gainera, ikastetxeen emaitzak publiko eginen balira, sailkapenak sortuko lirateke eta lehia areagotu. Gu konpetitibitatearen partez kooperazioa sustatzen saiatzen gara.
16 urtez zuzendaria izan zara Lizarran. Proiektu askoren bultzatzaile nagusia izan zara zu?
Saiatu naiz ikastola XXI. mendean lerrokatzen. Oso helburu garrantzitsua izan da guretzat pertsona ardatz bezala eta ikaslea subjektu aktibo moduan hartzea. Horretarako aldaketa asko egin behar izan dugu. Autoezagutza, autoestima eta autoerregulazioa sustatzen, eta era berean, gatazkak modu baketsuan kudeatzen ikasi behar izan dugu. Ikastetxeko bizimodua erabat aldatu duten proiektuak abian jarri ditugu: sormen proiektua, ahozko adierazpidearena edo pentazitatea, pertsonaren garapena bost eremutan bilatzen duen proiektua. Emozioei asko begiratzen diegu, eta arauak modu positiboan eman behar direla uste dugu. Ez da gauza bera esatea "jotzea debekatuta dago" edo "beharrezkoa da denok ongi moldatzea".
Mezu baikorrek mezu negatiboek baino errazago alda dezaketela mundua ikasi dugu. Tradizionalki eskoletan oso zuhurrak izan gara zorion mezuak ematerakoan eta horiek izugarrizko indarra ematen diote pertsonari. Dinamika horretan sartzen zarenean ikasle guztiek nahi dute zorionduak izatea, eta ondorioz, beste giro bat sortzen da. Ongi portatzen naiz ez zigorraren beldur, baizik eta konbentzitua nagoelako jarrera on batek ondorio positiboak izanen dituela niretzat eta besteentzat.
Eta jarraipena ematen zaio etxean?
Familiekin etengabeko harremanetan gaude. Zer ari garen lantzen esaten zaie eta haiek egiten dute etxean gertatzen diren prozesuen behaketa eta balorazioa. Etxe askotan egin dituzte arauak modu positibo horretan, pentsatuz zer behar duten guztiek ongi sentitzeko. Eskola, familia eta beste eragile batzuen inplikazioa behar da, heziketa tribuaren kontua delako.
Finlandiatik gertuago beste eredu batzuetatik baino?
Bai, noski. Han badituzte oso programa interesgarriak eskola jazarpenari aurrea hartzeko, adibidez. Hobe da gure begirada hor barna egiten ari diren gauza positiboetan finkatzea.
Hala ere askotan ikusten dira horren politak ez diren egoerak eta gatazka latzak etxe batzuetan.
Astakeria asko egiten dira. Nola liteke etxeko lidergoa sei urteko haur batengan uztea?
Zergatik gertatzen da? Denbora faltagatik?
Eta denbora gutxiaren kalitate eskasagatik. Batzuetan, haurrek gurasoei enbarazu egiten dietela ematen du. Bestalde, ohikoa da guraso batzuek damu sentipen modukoa izatea, haurrei behar adina denbora ez dietelako eskaintzen. Ondorioz, elkarrekin daudenean ez dute arau eta mugarik jarri nahi. Nahi duten guztia ematen diete. Arazo asko autoritatea gaizki ezartzeagatik etortzen dira. | news |
argia-ba0292707924 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/irakurleak-galdezka-menda-belarra-eta-osinak.html | Irakurleak galdezka: menda-belarra eta osinak | Jakoba Errekondo | 2015-11-01 00:00:00 | Irakurleak galdezka: menda-belarra eta osinak
Kaixo Jakoba. Errenterian dugun baserriko lursailean menda-belar ugari ateratzen da. Eremu horretan dauden menda-belar eta osinak gutxitzeko zer egin dezakegun jakitea gustatuko litzaiguke. Informazio edo aholkurik baduzu guretzat?
Javier Rodrigo (Errenteria).
Kaixo Javier. Menda-belarra aipatzen duzunean menda zuria edo astamenda deitzen denaz ari zarela iruditzen zait, hau da, Mentha suaveolens. Bai menda hori bai asuna (Urtica dioica) etxekoak ditugu. Gure aldamenean bizitzera ohituta daude. Biei nitrogeno asko eta hezetasun handia duten lurrak gustatzen zaizkie. Nitrogenoa geuk ematen diegu: simaur, luar, kaka eta oro har usteltzen ari den edozein hondakin organiko.
Beraz bi landare horiei aurre egiteko lurra aldatu beharko genuke. Lan zaila. Errazagoa da moztuz saiatzea. Biek ala biek lurpean sustrai lodietan jasotzen dituzte erreserbak. Maiz moztuz, hilean bitan eta ahal izanez gero ilgoran, erreserba horiek agortzea lor daiteke, eta agur menda, agur asun... | news |
argia-2e87fe66c5be | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/zinemama.html | Zinemama | I�aki Mendiguren | 2015-11-01 00:00:00 | Zinemama
Amama filma ikusteko aukera izan dugu hil honen 16an Legazpin, Asier Altunak berak aurkeztuta: a zer oparia! Nahiz eta egia izan askok daramagula baserritar bat geure barruan, hori batzuon kasuan are egiazkoagoa da, baserrian jaio eta bizi izan ginelako, nahiz eta oso umetan bertatik ihes egindakoa naizen eta orain gure jaiotetxea –Igartubeiti, alegia– baserri museo bihurturik dagoen. A zer metafora! Beraz, interes bereziarekin joan nintzen filma ikustera, baserriaren gainbehera eta belaunaldien arteko gatazka oso hurbiletik ezaguturikoa naizelako.
Amama ikaragarri gustatu zitzaigun arrazoi askorengatik, eta ni neu erabat identifikatu nintzen kontaturiko istorioarekin. Batetik, baserriaren bizi-iraupena planteatzen du ogibide gisa, eta hor ez dut uste etorkizun argirik dagoenik: filmean hiru seme-alabetako inork ez du lurrean nekatzeko asmorik; gu ere lau ginen, eta azkenean inor ez nekazari. Bestetik, oso gai unibertsala planteatzen da, belaunaldien arteko gatazka, baserri giroan ez ezik, edonon ematen dena, batez ere seme-alabak gurasoen ogibide, negozio edo enpresarekin jarraitzeko prest daudenean; baina nola egin ordezkatze hori? Esperientziaz dakit oso zaila dela gurasoentzat garaiz erretiratzen eta ondo erretiratzen asmatzea; oso gaitza gertatzen zaie ardura eta erantzukizun osoa, esku-sartzerik gabe, ondorengoen esku uztea, batez ere hauek gauzak beste era batera egin nahi dituztenean.
Eta azken arazo horren ildotik, zenbat kontu ditugun kitatu gabe gurasoekin! Eta kitatzeko bi bide daude: egindakoa ordainaraztea, edo ulertu eta barkatzea. Eta guri, ondorengooi, dagokigu aurrekoekin eskuzabal izatea: batetik, guk haiek baino aukera hobeak izan ditugulako bizitzan; eta bestetik, horixe delako guretzat ere osasungarriena. Gurasoen bizimodua (beraien haurtzaroa, heziketa, morala, balioak eta sineskizunak…) hobeto ezagutuko bagenu, agian ez genituzke hain erraz errudun joko eta errazago ulertuko genituzke gurekin izandako jokabide osasungaitzak (esaterako, seme-alaba bakoitza jaiotzatik kolore batez markatzeko joera) edo haiek gure gainera botatako hutsuneak, gabeziak eta ezinak… Aurrekari horiek ulertzea eta, aldi berean, aurrekoengandik jasotako gauza onak aitortzea: ba ote bide hoberik seme-alabontzat, Amaia bezalaxe, zauriak osatu eta etxera itzultzeko, nork bere bideari uko egin gabe betiere? | news |
argia-d2b6bb4039d5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/zertarako-sartu-zuten-tea-poltsatxoetan.html | Zertarako sartu zuten tea poltsatxoetan? | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-11-01 00:00:00 | Zertarako sartu zuten tea poltsatxoetan?
Tea edari britainiarretan britainiarrena izan arren, te poltsatxoak AEBetan –eta txiripaz– asmatu zituzten.
XX. mendeko lehen hamarkadan, Thomas Sullivan New Yorkeko merkatariak latorrizko potoetan saltzen zuen tea, eta bezeroei lagin txikiak bidaltzeko tea zetazko poltsa txikietan sartzen hasi zen. Poltsatxoa bilgarri hutsa zen; Sullivanek espero zuen bezeroek lagina potoko tea bezala erabiltzea, hau da, bilgarritik ateratzea infusioa prestatu baino lehen. Baina bezero askok te poltsatxoa kontsumitzeko prest zegoen produktutzat jo zuten: ez zuten landarea poltsatik ateratzen eta edaria egun maiz egin ohi den bezala prestatzen zuten.
Bezeroek ezusteko asmatzailea zoriondu zuten, tea prestatzea askoz erosoagoa baitzen hari esker, eta jakina, produktua horrela prestatuta bidal ziezaien eskatu zioten. Sullivan, eskariak behartuta, te poltsatxoak merkaturatzen hasi zen. | news |
argia-f07b55c74b29 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/euskara-tituluen-egokitasuna-aztertuko-dute.html | Euskara tituluen egokitasuna aztertuko dute | Onintza Irureta Azkune | 2015-11-01 00:00:00 | Euskara tituluen egokitasuna aztertuko dute
Gutxitan bezala, Eusko Legebiltzarrean, euskarari lotutako gai batean, adostasuna lortu dute bost alderdi politikok. Euskara tituluak, tartean egiaztagiri ezagunena den EGA, aztertuko dituzte probaren maila, edukiak eta emaitzak ebaluatzeko. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adostu zuten testua, eta PPk eta UPDk baiezkoa eman bozketan.
Ezin esan alderdien adostasunerako zioak berdinak izan direnik. Anjel Lertxundik urriaren 24ko Berrian jolas polita jarri zien irakurleei: "Talde politiko guztiak etorri dira bat norabidea aldatu behar horretan, baina lupatxo batez begiratuko bagenitu alderdi bakoitzaren motiboak, elkarren arteko talkak eta desberdintasun esanguratsuak topatuko genituzke. Joko polit bat proposatu nahi dizuet asteburu euritsurako. Adi, eta zorte on: zein alderdik erlatibizatu zuen tituluaren garrantzia; zein alderdik aipatu zuen bi hizkuntzen arteko asimetria; zeinek esan zuen ez direla EGAren maila jaisteaz ari, orientazio filologikoaren pisua murrizteaz baizik; zein alderdik lehenetsi zuen porrot mailaren handia; zeinek proposatu zuen EGA eskatzea "behar denean soilik'".
Eusko Legebiltzarrak jarri dizkio etxeko lanak Eusko Jaurlaritzari. Lau hilabeteko epean probaren egoera ikertu beharko du eta hobekuntzak proposatu beharko ditu, errealitate soziolinguistikoari eta bete behar dituen funtzioei erantzun ahal izateko. | news |
argia-2cb541dc5e67 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/apalaldia-edo.html | Apalaldia edo... | Mikel Irizar | 2015-11-01 00:00:00 | Apalaldia edo...
Zorroztasun handirik gabe "apalaldian gaudela" esan nion kazetariei, euskararen biziberritzeaz ari ginela. Eta biharamunean Anjel Lertxundi nuen galdezka –ondo zorrotz– ea nola geunden zehatz: umil apatiko, dekadentzian ala barealdian. Egun gutxira, gai beraren bueltan Patxi Baztarrikak zioen berak "geldialdia ez" baina bai "ziurgabetasuna" ikusten zuela.
Hitzak hitz, uste zabaldua da biziberritze prozesuaren erritmoak ari direla apaltzen, eta orain arteko ekintzak errepikatze hutsarekin ez ditugula orain arteko hazkundeak errepikatuko. Alegia, berrikuntza dosi handiak beharko ditugula aurrera begira. Zertan? Hona nire lehentasunak.
Ikerketa eta zientzia. Herritarrei galdetu egin behar zaie bere hizkuntza jokabideen zergatiaz, eta erantzunei zientzia ezberdinak aplikatu. Ikerketa/zientzia binomioak emango digu oinarria epe luzeko estrategiak marrazteko eta horien araberako plangintza zehazteko. Erakundeen ahalmenari eta gizartearen ekimenari erantsiko genieke hirugarren erpin bat, ezagutzarena, eta triangelu horretan orekatuko lirateke indarrak, funtzioak eta osagarritasunak.
Tokiko aktibazioa. Euskaltzaletasuna zimeldu egin da profesionaltasunak gora egin ahala. Uste dut ezinbestekoa dela berreskuratzea auzo, udal eta eskualdeka dinamika moderno bat euskaltzaleak aktibatuko eta elkartuko dituena, bai "profesionalak" (hautetsi, teknikari edo sektorekoak) eta bereziki militanteak (euskara elkarte eta gizarte eragileetakoak).
Diskurtsoen eguneraketa. Oso garrantzitsua da nola azaltzen ditugun gauzak eta nola argudiatzen politikak. Diskurtso bakarra baino, hainbat behar ditugu; elkarren artean koherenteak, noski, baina hartzaile ezberdinei egokituak. Adibidez, udan hartu nuen zuzendaritzari izena aldatze soilak ate ugari ireki dit, espero nuenetik askoz harago.
Blindatze politikoa. Kargu berrian egiaztatzen ari naiz une egokia dela hiztunen arteko zoru komuna definitzeko, askatasuna, berdintasuna eta justizia oinarri hartuta; eta posible dela zoru komun horren gainean akordioen aro berri bat abiatzea, euskara biziberritzeko prozesua liskar politikoetatik blindatuko lukeena.
Esandako ezer ez da guztiz berria, are gutxiago nik asmatutakoa. Baina sinetsita nago berrikuntza dela, ezer baino lehen, jarrera bat. Eta ditxosozko apalaldi, geldialdi edo ziurgabetasunak horixe ekar lezakeela –hain zuzen– opari: gu denongan piztea berrikuntzarako jarrera. | news |
argia-b9fd7a7c25cc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/adiorik-ez.html | Adiorik ez | Joxerra Aizpurua | 2015-11-01 00:00:00 | Adiorik ez
2003an abiatutako zientziari buruzko sail honenak egin du. Argiari eta orrialdeak izan duen irakurle orori eskerrak ematea baino ez zait geratzen. Eguneroko zientziari errepasoa ematen saiatu naiz, eta gaiak aukeratzeko askatasuna izan dudanez, ezin uka desorekak izan direla hautatutako gaiei dagokienez.
Garrantzia, jakin-mina, eduki bereziak, harritu nahia eta ulergarritasuna lehenetsi ditut, eta gertatutakoa azaltzeaz gain balorazio pertsonala erantsi diot, berriak hori merezi zuela iruditu zaidanean.
Azkeneko honetan, agur esatearekin batera, datozen hilabete eta urteetan nire aburuz pil-pilean egongo diren gaiak aipatu nahi ditut.
Energia nuklearrari dagokionez, Fukushimak zeresana ematen jarraituko du, eta horri Garoñaren inguruko erabakiak gehituko zaizkio. Bestalde, berriztagarrien hedapena ez da erraza izaten ari gure inguruan; bi energia iturri moten arteko lehia gogorra izango da epe motzean.
Marten ur gazia eta, horren ondorioz, bizia aurkitzeko aukerari buruzko eztabaidak ugarituko dira. Bitartean unibertsoko hamaika txoko arakatzen segituko dugu.
Volkswagenen aferak auto elektrikoaren bidea indartuko duelakoan nago; batez ere horren aldeko irizpide politikoak indartzea espero dut.
Komunikazioen alorrean telebistak, ordenagailuek eta smartphoneek konbergentziarako bidea etenik gabe indartuko dutelakoan nago.
Genetikan, ikerketak aurrera egin ahala, beraren inguruko eztabaida etikoak indar hartuko du.
Gero eta partikula txikiagoei buruzko ezagutzak gero eta gailu ahalmentsuagoak osatzeko aukera emango digu.
Azkenik, klima aldaketari eta ozono geruzako zuloari so egin nahi diet. Izan ere, bere horretan jarraituko duen Lurraren beroketari gehitu behar zaio ozono geruzaren zuloa neurtzen denez geroztik 2015ean izan duela hedadurarik handienetakoa. Zalantzarik ez, ondorengo belaunaldiei arazoak uzten espezialistak gara. | news |
argia-c72b5eebc3db | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/feminismoa-modan-ote.html | Feminismoa modan ote? | June Fern�ndez | 2015-11-01 00:00:00 | Feminismoa modan ote?
Garai arraroa dugu hau feministontzat. Alde batetik, argi dago onarpen sozial eskasa daukagula. "Ni ez naiz ez matxista ezta feminista ere" esaera zentzugabea etengabe entzun behar dugu, baita pertsonaia ospetsuen ahotan ere. Azkena Meryl Streep izan da: pentsa, sufragistei buruzko pelikula berri baten protagonista da, baina aldizkari batean esan berri du bera ez dela feminista, humanista baizik. Emakumeen eskubide zibilak borrokatu zituzten aktibisten pelikula egin eta badirudi ezer gutxi ikasi duela. Einsteinek esan omen zuen, errazagoa dela atomo bat desegitea aurreiritzi bat baino. Gure ospea ezin da txarragoa izan: indarkeriaren kontra buru-belarri aritzen gara, baina naziekin alderatzen gaituzte. Tristea, benetan.
Baina, aldi berean, feminismoa modan jarri omen da. Beyoncé, Lady Gaga edo Miley Cirus bezalako pop izarrek aldarri feministak egiten dituzte, baita –Streep baino azkarragoak edo ausartagoak diren– hamaika aktore ospetsuk ere. Ameriketako Estatu Batuetako zineman, Mad Max edo Gose Jokoak bezalako pelikuletan protagonistak emakume indartsu eta adoretsuak dira, feminitatearen estereotipoak apurtzen dituzten heroiak. Komiki esparruan ere joera hori ageri da: Thor jainko eskandinaviarra emakume birjaio dela iragarri zuten pasa den urtean.
Gure hedabideetara ere marketin morea heldu da. Ikusi al duzue Kaikuren iragarkia? Protagonistek, guztiak emakumeak, diskriminazio eta klixeen kontra aurrerapausoa emateari buruz abesten dute. Leloa: "Arina (hau da, argala) senti zaitez". Produktua: laktosarik gabeko jogurtak (Kaikuren arabera badirudi generoak eragiten duela intolerantzia hori). Mezu sasi-feminista erabiltzen du iragarki zeharo sexista hedatzeko.
Feminista kritikoenek diote kapitalismoa gure aldarriak irensteko gai izan dela, feminismoaren izaera subertsiboa bertan behera uzteko. Che Guevararen irudia pop produktu bihurtzearen prozesu berbera, alegia. Argi dago Hollywood zein Kaikuren motibazioa ez dela justizia soziala, salmentak bermatzeko estrategia baizik. Baina, Disneyren printzesak hainbeste kritikatu ondoren, ez al ditugu Brave edo Frozen bezalako filmak feminismoak bultzatutako aurrerapauso bezala ikusiko?
Orain arte publizistek argudiatzen zuten estereotipo sexistak erabiltzeak emaitza onak bermatzen zituela. Ez al da albiste ona rol tradizionalak apurtzen dituzten produktuak arrakastatsu bilakatu izana? Espainiako Abortuaren legearekin akordatzen naiz: milaka manifestazio antolatu eta Gallardonek dimititu zuenean, feminista askok esan zuen ziur asko tranpa bat zela, ezin genuela gure garaipen bezala interpretatu. Mesfidantzarako arrazoiak ditugu, bai, baina gure borrokaren fruituak antzematea hain beharrezkoa dugu martxan jarraitzeko...
Tira, nik beste zerbait azpimarratu nahi dut: interesatzen zaidan feminismoa, zabaldu beharrekoa, ez dela Mujer Hoy bezalako aldizkariek jorratzen dutena, Emakumeen Mundu Martxa bezalako ekimen herrikoi eta internazionalistak baizik. Pasa den urriaren 17an Lisboan amaitu zen Euskal Herria ere zeharkatu ondoren. Girl power arinaren jarrera indibidualistaren aldean, karabana feminista horrek zapalkuntza sistema anitzak salatzen ditu: hetero-patriarkatua, neoliberalismoa, arrazakeria edota kolonialismoa. Helburua: geure gorputzen eta geure lurraldeen askatasuna eta burujabetza defendatzea, eta sakoneko eraldaketa soziala gauzatzeko emakume anitzon artean haziak ereitea. Ez dut uste horrelako mezurik inoiz agertuko denik Kaikuren iragarkietan. | news |
argia-c1fe8197e4d5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/bizi-baratzea-gure-kultura-iraultzen-ari-den-liburua.html | �Jakoba Errekondoren lana sostengu finkoa da gure elikadura subiranotasunaren kontzientzia handitzeko eta balioan jartzeko� | ARGIA | 2015-11-01 00:00:00 | �Jakoba Errekondoren lana sostengu finkoa da gure elikadura subiranotasunaren kontzientzia handitzeko eta balioan jartzeko�
Bizi Baratzea guztiok irakurtzeko liburua da, batzuek ekoizteko erreferentzia praktikoak ematen dizkigun eskuliburu gisa erabiliko dugu, baina denaren gainetik, liburu honek belaunaldiz belaunaldi bildutako baratzearen gaineko ezagutzaren lekukotza ematen du eta jakituria gaurkotzen du. Gainera, leku bakoitzean eman zaizkien izen zehatzak eta hizkuntza aberatsa berreskuratzen ditu.
Jakoba Errekondok egun galtzeko arriskuan diren zientzia eta ezagutza jaso ditu. Iraultza berdeak dakarren ekoizpen eredua porrota da, eta berau oinarritzen da hazi "hibrido eta hobetuetan", enpresa agrokimikoen kontrolpean, ongarri kimikoen erabileran, erregai fosilen dependentzian. Eredu horrek kulturalki gutxietsi egin du eta lurperatu nahi izan du baratzezaintza jasangarria, sanoa, osasungarria eta gizartearentzat elikadura subiranotasunerako ezinbestekoa dena.
Jakoba Errekondo, bere bizitza ibilbidean testigu eta aktibista da arbasoen eta egungo ezagutzen ondare hauetan. Liburu hau da ezagutza hori aitortzen eta balioan jartzen duena.
Autore askok idatzi du baratzezaintzari buruz, esaterako John Seymourrek eta Mariano Buenok, baina Bizi Baratzea k gure errealitatea deskribatzen du, gure baserritarren zientzia, gure kulturara eta gure errealitate agronomora egokitutako hizkuntzan. Horregatik, liburu hau erreferentzia da, produktibismora bultzatuak izan garen askorentzat korapilatsuak diren hainbat gaitarako (esaterako, ureztaketa erabili edo ez) ikasteko erabiltzen duguna. Belaunaldi bat bada, egon, galdua eta kultura gabetua izan dena gure ezagutza ondarearekiko.
Ikaskuntza prozesu bat da eta liburu hau bidelaguna da indarrean den logika produktibista utzi eta lurrarekiko gure harremana berrikasteko, Ama-lurra baita osasunaren iturburua, eta kulturalki herri izaera ematen diguna. Kontzeptu hauen dibulgazioa oinarrizkoa da bizitzen ari garen aldaketa sozialean. Jaten duguna, nola ekoizten den, nork eta non ekoizten duen, horrek denak funtsari eragiten dio. Eztabaida politiko eta eraldatzailea da, zeren erabaki horietatik definitzen dugu nola bizi dugun gure harreman soziala eta ekonomikoa eta horrek guztiak ingurumenean duen eragina eta ondorioa klima aldaketan.
Jakoba Errekondoren etengabeko ikerketa eta dibulgazio lana, herrikoia eta elkarrekintzan eraikia, sostengu finkoa izan da gure elikadura subiranotasunaren kontzientzia handitu eta balioan jartzeko, egungo belaunaldientzat, baina are gehiago etorkizuneko belaunaldiaren erreleborako. | news |
argia-ad2ce1e8c55e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/aita-zeruan-eta-gu-lurrean.html | Aita zeruan eta gu lurrean | Saioa Ruiz Gonzalez | 2015-11-01 00:00:00 | Aita zeruan eta gu lurrean
Iñaki Irasizabali irakurritako laugarren eleberria dut Aita gurea . Ezin dut esan bereziki maite dudan idazlea denik, bai aldiz entretenitzen nauela.
Irasizabalek erraz irakurtzen den idazkera sinplea baliatzen du, gehienetan, 200 orrialdera heltzen ez diren bere eleberrietan.
Kontatzen duena modu zuzen, labur eta zehatzean egiten du, apainduretan denbora galdu gabe eta pertsonaien jokabidea azpimarratuz. Hori baita hain zuzen ere Irasizabalen narratibaren ardatza. Gizartea da bere analisirako baliatzen duen elementua, eta premisa horretatik abiatuta muturreko egoera baten aurrean gizabanakoak duen portaera desberdinen aurkezpena egiten du. Horrek ematen dio, azalean narrazio sinple bat dirudienari, bizitzak berak berezkoa duen kutsu dramatikoa.
Aita gurea k industria munduko krisi ekonomikoan kokatzen ditu pertsonaiak. Enpresa giroko kontuen artean, langileen arteko harremanak, postua galtzearen beldurrak eragiten dituen inbidiak, traizioak eta gezurrak kontatzen dira. Idazlearengan berritzaile den kontestu honetan aldiz motif errepikakorra dugu: famili(en) arteko drama. Nonbait irakurri nuen gizartean gertatzen den oro beti familia esparrura hedatzen dela, denok baikara nola edo hala familia-kide. Eta hori bera da, juizio moral guztien gainetik, besteekiko enpatia eragiten duena.
Odolaren deia nobelan bezala, honetan ere aitaren heriotza izango da gertaeren katearen motorra. Pertsonaia bakoitza iraganeko motxila kendu nahian dabil eta bizitzan "berriz hasi" nahi du: aita galdu berri duen jonki izandako alaba, jainkoan gehiago sinisten ez duen apaiza, senarra galdu berri duen emaztea, aita kartzelan izan duen Down sindromea duen mutila, bere familia zorretan utzi zuen eta kartzelatik atera berri den Down sindromedun mutilaren aita. Eta guztien elementu kohesionatzailea izango da krisian dagoen autogintzarako piezak fabrikatzen dituen lantegia.
Denek amets berdina partekatzen badute ere, ez dute honi heltzeko jarrera berdina erakusten, eta muturreko egoeretan nahastuta aurkituko dira: lapurreta, erailketa, xantaia, droga salmenta... Zein da jokabide zuzena eta zein okerra?
Bizitza errazegia litzateke galdera moralizatzaile honen erantzunera sinplifikatzeko, izan ere, pertsonaiak beren beldur eta desioek mugiturik jokatzen dutelako beti dago gure logikari ihes egiten dion zerbait.
Helburuak bitartekoa justifikatu bai/ez auziaren aurrean jartzen du irakurlea, ez epaile baizik eta ikusle gisa. | news |
argia-96106b0b93df | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2481/pobre-gehiegi-euskal-herri-aberatsean.html | Pobre gehiegi, Euskal Herri aberatsean | Juan Mari Arregi | 2015-11-01 00:00:00 | Pobre gehiegi, Euskal Herri aberatsean
Euskal Herria aberatsa da, baina ez dirudi ondo banatuta dagoenik, pobrezia handia baitago. Ondorio hori atera liteke joan den astean Gaindegia behategiak publiko egindako txostenetik. Euskal Herriaren biztanleriaren %16,7, hau da, 3.124.259 lagunetik 521.751 pobrezian edo bazterketa sozialera jausteko zorian bizi da. Urtean 7.961 euro baino gutxiagorekin irauten dute heldu bakarra bizi den etxeetan, 5.971rekin bi heldu dutenetan eta 4.179 euro baino gutxiagorekin bi heldu eta 14 urtetik beherako bi adingabe bizi diren etxeetan. Lurraldeka, pobrezia tasa altuena Ipar Euskal Herrian aurkituko dugu (%18,1), gero EAEko probintzietan (%15,1) eta azkenik Nafarroan (%14,5). Datu global horretatik, beste bat zehatzagoa: adingabeen %20 (104.764 gazte) pobrezian edo gizarte-bazterketarako arriskuan bizi da.
Eta hala ere, Hego Euskal Herrian biztanle bakoitzeko BPGa 30.000 euro ingurukoa da; horrek erakusten du euskal jendartea egiaz aberatsa dela. Zerbait ez dabil ondo, aberastasuna hain gaizki banatuta egoteko. Egoera horrek pentsarazi beharko lieke erakunde, gobernu eta eragile sozial guztiei, beharrezkoa dela hainbat politika martxan jartzea Euskal Herrian bizi diren eta lan egiten duten pertsona guztiek oinarrizko beharrizanak aseta izan ditzaten. Beste behin, halakoek, gure jendartean gailentzen den eredu sozioekonomikoa birpentsatzera garamatzate. Sistema kapitalistak pobretu egiten gaitu eta desberdintasun handiak sorrarazten ditu.
Iragan asteburuan, 150 eragile sozialen eskutik, milaka lagunek hartu dute parte Bilbon egindako Alternatiben Herria ekimenean (ikusi Argia honen 44. orrialdean), erakutsiz badaudela sistema neoliberal kapitalistatik haragoko bideak. Aukera daukagu bestelako eredu sozio-produktiboa eraiki eta aberastasuna modu justuagoan banatzeko; baliabideak ditugu kalitatezko enplegua sortzeko, lana banatu eta pobrezia eta desberdintasun sozialak nabarmen jaisteko. Borondate politikoa behar da. Euskal jendarteak du hitza eta konpromiso solidarioa. | news |
argia-bc73f9049080 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/sagarrondo-hilezkorra.html | Sagarrondo hilezkorra | Jakoba Errekondo | 2017-09-03 00:00:00 | Sagarrondo hilezkorra
Sagarrak paradisutik bota omen gintuen, baina sagardoa eman digu, beste paradisu bat. Hori pentsatuta ekin zioten Joy Doumisek eta Jeremy Hammondek beren asmo lurtarrari: Malus Immortalis. "Malus" sagarrondoaren izen zientifikoa da, eta "inmortalis" hitzak hilezkorra dio. Baina nondik nora izen bikoitz hori? Brooklynen gauzatu dute ekimena: bertan behera utzitako hilerri zahar batean dauden sagarrondoetako fruituekin sagardoa egitea. Green-Wood izena du 1838ko hilerriak, eta garai hartakoetakoa da, parke gisara eraikitzen ziren haietakoa. Ikaragarria da, ia 700 golde ditu.
Ibilaldi batean topo egin zuten sagar geza batekin, kosk egin orduko ahotik jaurtitzeko gogoa ematen duten horietakoa, hau da, sagardoa egiteko egokietakoa. Hortxe hasi zen sagarrekin eta sagardoarekin haien amodio kontua.
150 sagarrondo aldaera edo mota baino gehiago omen daude bertan. Eta berriak landatzeari ekin diote, baita lehendik badiren sagar makatz edo sagarmin asko ere. Bi mendean eraiki diren mausoleo eta estatua tartean etengabe berritzen eta birsortzen ari den sagasti galanta! Milaka lagunen bizitzen historien artean...
Aldaerak era batera eta bestera nahasiz, mota askotako sagardoak egin dituzte, eta hilerriko katakunbetan ontzen jarri. Bertan auzolanean egiten diren ekimen ugarietan ederki baliatuko dituztelakoan... Sagardo horietako batek "Paradisus" du izena. Sagarrondo horiek loreak eman ditzaten erlezain bat ere bada, bere eultzeak hilerrian dituena. Eztiaren izena "Hemendik atzerako gozoa" da.
Hilerrian bertan soilik edaten dituzte sagardo horiek. Apartsuak direnez, botilak irekitzean zurruztada bat lurrera erortzen da. Sagarrondoen sustraiei bueltan emandakoa. Hemen bezalaxe, edandakoan edalontziaren ipurdian geratzen den kondarra lurrari bueltan ematen zaion eran.
Beti esan izan dut: nire gorputza sagardotarako sagarrondo baten azpian ikusi nahi dut. | news |
argia-7c5f1c584e43 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/jaurlaritzak-mozal-legea-aplikatu-die-sei-laguni-etxegabetze-baten-aurkako-protestan-parte-hartzeagatik.html | Jaurlaritzak Mozal Legea aplikatu die sei laguni etxegabetze baten aurkako protestan parte hartzeagatik | Axier Lopez | 2017-08-25 00:00:00 | Jaurlaritzak Mozal Legea aplikatu die sei laguni etxegabetze baten aurkako protestan parte hartzeagatik
Iazko irailean Anastasia eta bere bi semeak etxegabetu zituen Ertzaintzak, Alokabidek Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak hala aginduta. Hainbat lagun etxe atarian bildu ziren etxegabetzea eragozteko eta, urtebete ostean, protesta horretan parte hartu zuten Arabako Kaleratzeak Stop taldeko sei kideri 602 euroko isun bana ezarri diete Mozal Legea aplikatuz.
Gasteizko Zabalgana auzoko etxebizitza batean bizi ziren Anastasia eta bere bi semeak. Alokairua ordaindu ezin izateagatik –familiaren diru sarrerak 800 eurokoak ziren– etxetik joateko agindua eman zuen Alokabidek. Arazo ekonomiko estrukturalak dituzten kolektiboko kideak etxegabetxeari uzteko eskakizuna luzatu zion Arabako Kaleratzeak Stop elkartearen Eusko Jaurlaritzari.
Irailaren 15ean, Anastasiaren atarian ehun lagun inguru elkartu ziren , desobedientzia pasiboa erabiliz etxegabetzea geldiarazteko asmoz. Halere, Ertzaintzak kolpe eta bultzakada artean agindua bete eta Anastasia eta bi semeak etxetik bota zituen.
En "ciudad libre de desahucios" @Alokabide y policía desahucian así¿Algo q decir @gorka__urtaran ? #AnastasiaSeQueda pic.twitter.com/0ZZSn4qu32
— Errekaleor Bizirik! (@Errekaleor) 2016(e)ko irailak 15
Egindako presioari esker, egun berean lortu zen Gasteizko Udalak familiari harrera pisu bat eskaintzea.
Solidarioak zigortuta
Elkartasun ekimenetik 11 hilabete pasa ostean, 602 euroko isun bana heldu zaie han ziren Arabako Kaleratzeak Stop taldeko sei kideri. "Poliziaren lana oztopatzea" zigortzen duen Mozal Legearen artikulua –kritika asko jaso dituena– baliatu du Ertzaintzak horretarako.
Taldeak babesgabetasun juridikoa salatu du, "errudun ote garen epaitegi batek ebatzi beharko luke, baina Mozal Legearen bitartez zigortutakoak gara gure errugabetasuna frogatu behar dugunok".
Zigorrari aurre egiteko hainbat erabaki hartu dute etxegabetzeen aurkako talde arabarrak: ez dute isuna ordainduko, helegitea aurkeztuko dute eta irailaren bigarren asterako protesta publikoa egingo dute Eusko Jaurlaritzak atzera egin dezan Mozal Legearen aplikazioan. | news |
argia-ac5c69500bdb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/generoak-dantzan.html | Generoak dantzan | Anuntxi Arana | 2017-09-03 00:00:00 | Generoak dantzan
Liburu bat ekarri dit lagunak, interesgarri izango zitzaidalakoan. Baia bai! Eta hasteko artikulu batek begia jo dit.
Mutil-dantzak badira Baztanen, publikoak, edozein herritar sar baitaiteke borobilean. Edozein? Izenak dioenez, mutilentzako alegrantziak ziren, nahiz gure garaian adin guztietako gizonezkoek zuten dantzatzen: bakarrik emazteak ziren haietatik baztertuak. Eta azken urte hauetan haiek ere haizu badira dantzatzera, hara heltzea ez da dantzaldi airos bat izan, borroka aski latza baizik, protagonistek dioskutenez.
Protagonistek egiten baitute prozesuaren kronika, plazara ateratzeko lanean aritu diren ber-berek. Batzuek, beti gustuko izan duten dantzara sartu ondoan, kontzientzia feminista hartu zuten, eta denak helburu amankomunean bildu ziren. Alde autobiografikoak indarra ematen dio idazkiari, eta irakurleari plazera. Irakaspenez betea da, bestalde, argiki azaltzen du bazterketa eraikitzeko eta mantentzeko mekanismoak nola ari ziren. Besteak beste:
Nola mutil ez diren gizon ezkonduak eta mutikoak dantzatzera onartua izan ziren eta, aldiz, jasanezinezko aldaketa zen emazteek dantzatzea. Sexu/generoa zen beraz, bazterketako funtsa. Gizonentzat aldatzen ahal zen tradizioa, baina tradizio beraren errespetua argudiatu zuten emazteen aurka: gezurra frogatua da.
Batzuek, beti gustuko izan duten dantzara sartu ondoan, kontzientzia feminista hartu zuten, eta denak helburu amankomunean bildu ziren
Nola hamarkadetan emakumeek dantzatzen zuten herri batean dantzak kendu zituzten, bi gizonek, desadostasuna adierazi zutenean. Sexu-berdintasunerako aurrerapenak atzera botatzeko, gizon bik herritar gehienek baino indar handiago izan dezakete.
Nola anomalia horietan hautematen den Elizondoko eragina: hiriburuan kokatu da baztertzaileen bunkerra eta, ekitaldi ofizialeko dantzak parekideak direnean, elizaren eremu pribatuan egiten dute oraino beren ekitaldi soilki maskulinoa.
Nola dantza parekideak galarazteko ahaleginetan dihardutenekin bat egin duten botere atzerakoiek –linguistiko (erdara), erligioso, politiko, sozial, ekonomikoek–.
Plazara Dantzara herri-ekimenak lortu duen aitzinamendua iraunkorra izango dela itxaroteko arrazoiak ez dira falta. Erne egotekoak ere ez. Garbiñe Elizegi Baztango auzapeza ausartu zenean dantza-borobilean sartzera, zer zuen jasan irakur daiteke astekari honetan berean [Garbiñe Elizegiri elkarrizketa 2549. zenbakian ].
Erreseina honetan baino gauza gehiago eta hobeto kontatuak dira Baztango bost emaztek atondu artikuluan: "Baztango mutil-dantzen analisia eta prozesu kolektibo feminista", hogei bat lanek osatu liburu gogoangarri batean, Miren Guilló Arakistainek koordinatua, Festak, genero-harremanak eta feminismoa, UEU, 2016. | news |
argia-36cf4af78f0b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/biba-errepublika.html | Biba Errepublika | Itxaro Borda | 2017-09-03 00:00:00 | Biba Errepublika
1789ko uztailaren 14an Parisko Bastille kartzela erori zen iraultzaileen kolpeen ondorioz. Hori da behintzat kontatzen den historia. Luis XVI erregeak egun hartan, bere egunkarian ezer ez zela gertatu idatzi zuen. Euskal Herriko pentsalari eta arduradun politikoak mugimenduaren alde agertu ziren lehen urteetan, baina laster, apez eta jauntxoen eraginez, jendalde gehiena Iraultzaren aurka altxatuko zen.
Iraultzaren ehungarren urteburua ospatu zenean, bi bertsolarik beren ikusmoldea plazaratu zuten. Elkarren parean aurkitu baldin baziren, bata funtzionarioa beraz gorria, eta bestea apeza beraz zuria, ziur aski pataskatuko ziren. Kopla luzeak direla medio haziko zen elkarrizketa Jan Batista Otxalde (1814-1897) bidarraitarra eta Grazien Adema-Zaldubiren artean. Lehena, orain erran genezake ezkerrekoa, bigarrena aldiz apezgoan sartua zen, bonapartista, Eskualduna (1887-1944) astekariko kidea ere zena.
Orai dela ehun urte,
jarri zen Errepublika.
Geroztik hemen dabila,
guri hurbil itzulika.
Estimatu behar dugu
haren azken bisita.
Orai anai ezarri gaitu:
hau dugu lege polita.
Otxalderen hamabi bertsoetan Errepublikaren laudorioak baizik ez ditugu aurkitzen. Entzun dezakegu berehala Zaldubiren errefera, ironikoa, jorratzailea, elizaren doxa isurtzen digula:
Lehengo denboretan Errege batto zen:
Orai denak errege hori da hori zuzen.
Dugun errepika
Biba Errepublika!
Ni ere errege naiz, baina ez aisian!
Bertzeak gainian eta ni beti azpian.
…
Errepublika hortan ez zaiku itsusi
Parisko xanfarinak baititugu nagusi.
…
Bi bertsolariek, aho batez Biba Errepublika oihukatzen dute, baina hitzak ez doaz edukiz norabide berera: eleak antzekoak izanagatik Zaldubi kontra zegoen (1876an) eta Otxalde alde (1889an). Gaurko Frantziako eskuinaren eta ezkerraren arteko eztabaidetan duela berrehun urteko gaiak daude oinarrian. Duela gutxi arte, ezen Macronekin dagoeneko bi markari politikoak ezabatuak baitira…
Zaldubiren pieza 1876an Urrustoiko Anton Abadiaren Lore-Jokoen karietara plazaratu eta honen paperetan atzeman zen. 1889koak dira Otxalderen bertsoak, Mauleko arrondizamenduan eginiko Etcheverry eta Berdoly hautetsien diputatu kanpainaren karietara.
Entzun dudan bezain laster,
ezpainez egin dut irri,
Bainan eztut orai artio
hori salhatu nehori,
Deputatu xuri denik
eztute hartu nahi
Gorriak baizik ez hartzekotz,
gan bedi Murde Berdoly!
Martial-Henri Berdoly (1844-1905) Uharte Amikuzeko gazteluan errotu ezkerreko politikaria zen, 1889an preseski Baigorriko familia ospetsu baten ondorengoa eta Eskualduna astekariaren sortzaileetatik bat zen Louis Etcheverryren (1853-1907) parean presentatu eta galdu zuen. Hauteskundeok ezeztatu ziren elizaren esku-sartzea leporatu ziolako Berdolyk Etcheverryri. Berdoly hargatik, ez zen sozialista iraultzailea eta jabego pribatua defendatzen zuen.
Berehala datoz Zaldubiren III. Errepublikarenganako txistuak. La Commune delakoaren (1871) hondar odoltsuetan bermatuz eraiki zen hau, arras antiklerikala eta laikoa. Ez batere gure apez eta jaun handien gustukoa. Emazteei 1944an baizik eman ez zitzaien arren, gizonezkoek erdietsi zuten orduan bozkatzeko eskubidea. Jende arruntak ziritzat zeuzkan Zaldubik, langileak ordukoz alfer-ziriak deitzen zirelako:
Bazterretan gizonik ez omen zen lehen,
Eta gizona orai beha zein merke den!
Dugun errepika
Biba Errepublika!
Podore'ta karguak,
lehen oi zer gauzak!
Orai indarrak ditik ziri baten bozak!
…
Burla trukulanteaz ziminokatzen du Marxen itzalean jada aztertzen zen klase borroka, sehia eta nagusia bekoz beko jarriz:
Lehen ez zen bezala da mundua orai:
Ttikia handiari manatzeko da gai…
…
Sehiak nausiari: orai guardi'emak,
Errepublikak gaitik berdin egin denak.
…
Nausiak errepusta: Errepublikak to,
Hi segurik hagoka bethi berdin asto!
…
Otxaldek Errepublikak laborariei ekarri aitzinamenduak begiesten ditu. Ez dezagula ahantz Barkoxeko Etxahunek (1786-1862) Ofizialeena erraldoi hartan nola azaltzen zuen nekazarien egunerokoa, hogei bat urte lehenago:
Orduan deskantsatu
zen gaixo laboraria;
Ez baitzakien oraino
zer zen ogi xuria.
Gogotik landatu zuen:
Biba, lege berria!
Orai bederen izanen duk
errekoltaren erdia.
Argi dago Euskal Herri barnealdeko laborariak ez zirela lan tresnen eta mozkinen jabe, XIX. mendetik hona hala izatea lortu bazuten ere. Lurren jabeak, aristokratak edo etxeko jaun handiak ziren eta Errepublikaren ekinaz, nekazariek alorren emaitzak (etxe-parteak) nagusiekin erdizka partekatzeko ahalmena eskuratu zuten.
Otxaldek gogo onez hartzen du Errepublikaren zeregina: esklaboa liberatu zuen, berdintasuna finkatu, ñak edo kemenaren saria segurtatu eta jakintzarako bidea zabaldu gehiengo herrikoiarentzat
Baina lur lanetik ezin zen bizi eta etxetiar familietako haur parrastak ipar ala hego Ameriketara joaten ziren etorkizun bila. Etxaldeetako nagusiek ere dirua finantzatzen zihoan kapitalismo industrialaren uhinetan inbestitzeko aukera zeukaten: baserriak, halaz, sosa zuten etxetiarrei saldu zizkieten, enkantean eta kandela soilen luzeran egiten zirela tratuak.
Gure aitasoak, hal'ikustia,
etzena pen'ingarri,
Izerditan trenpaturik
bertzen hazten ziren ari.
Beren ñaken saririkan,
ezin galdatu nehori,
Lege berriak baitzituen
beren herrunkan ezarri…
Otxaldek gogo onez hartzen du bere aburuaren araberakoa den Errepublikaren zeregina: esklaboa liberatu zuen, berdintasuna finkatu, ñak edo kemenaren saria segurtatu eta jakintzarako bidea zabaldu gehiengo herrikoiarentzat:
Errepublikan egin lan hunez
orai nahi naiz mintzatu
Gure arbaso eroriak
nola zituen altxatu
Orduko lege berriak
eskuetan baititugu
Hertsatuki konplitzera
entseatu behar dugu.
Errepublika jin aitzinean
huna zer zen munduan
Gizona gizonarentzat
esklabo baitzen orduan
Autor batzuek hartu zuten
gauza hau beren buruan
Ikusirik laboraria
zela azken estatuan.
Autor edo idazle zenbaiten lanetan bermatzen da nekazari jendarteari orokorrean, Errepublikak ekarri onurak goresteko. Neurri bateraino Euskal Herrian ez bezala, etxeko jaunen egiturak foruen arabera funtzionatzen zuelako, Frantziako erregeen denborako sozietatea hiru zatitan banatua zen: laborariak tiers-état haren partaideak ziren, mailarik apalenekoak. Zergen zama hauen gain zetzan (gabela, taila). Nobleek eta apezek ez zuten zentimorik ordaintzen. Iraultzaren ondotik egoera aldatuko zen aberatsenen gorrotoa sustatuz.
Zaldubi apez bonapartistak hemeretzi puskako kanta sotilean Errepublikaren tatxak zerrendatzen ditu. Elizaren ikuspuntutik ikertzen ditu guztiak, beti berdin asto egonen den citoyen deituriko jendaila arruntaz, bereziki hirietako gorri uherrez, elizak zuen mespretxua azaleratuz
Horrela ulertzen dira Zaldubi apez bonapartistaren isekaz mukurutu koplak. Bere hemeretzi puskako kanta sotilean Errepublikaren tatxak zerrendatzen ditu: libertatea (omen), zergak (denentzat orain), fedea (baztertua), soldadutza (bost urte irauten zuena 1872tik hara) eta legegintza (nahasmenduak sortzen dituzten bozak). Elizaren ikuspuntutik ikertzen ditu guztiak, beti berdin asto egonen den citoyen deituriko jendaila arruntaz, bereziki hirietako gorri uherrez, elizak zuen mespretxua azaleratuz.
Asko gauza lehen
zilegi ez zenik.
Orai zer nahi libre,
bertzek baina ez nik.
Dugun errepika
Biba Errepublika!
Lehengo sinesteak utzi baititugu,
Nihundik orai nori fida ez dakigu.
…
Lehen zerga eta orai kontribuzione,
Noiz larrutuko nauten beha nago erne.
…
Lehen ginenak gure odolaren jabe,
Orai oro soldadu, gerlarako gare.
…
Gu baino goragotik lehen manatuak,
Geroni gare orai legegiletuak.
…
Errepublikak ez zuen sekula fama onik ukan Eskualduna astekariko kazetarien baitan. 1914an kasik 10.000 aleko tirada zuen eta Iparraldeko etxe guztietara iristen zen. Pentsamenduaren moldaketa etengabea egin zuen, egiazko gerla makina ideologiko bat zen
Errepublikak, sustut burgesek kudeaturiko hirugarrenak (1870-1940), ez zuen sekula fama onik ukan Eskualduna astekariko kazetarien baitan. 1914an kasik 10.000 aleko tirada zuen eta Iparraldeko etxe guztietara iristen zen. Pentsamenduaren moldaketa etengabea egin zuen, are gehiago 1905eko Elizaren eta Estatuaren arteko bereizketa traumatikotik landa. Egiazko gerla makina ideologiko bat zen. Jendarte horrek, 1941etik hara alemaniar okupatzaileekin kolaboratzen bukatuko zuen.
Anartean, Otxaldek konbikzioz eta Zaldubik mendekuz, bakoitzak bere maneran, guri ere Biba Errepublika aldarrikatzeko aukera ematen digute. | news |
argia-0b3ca537c8fb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/yin-eta-yang.html | Yin eta yang | Igor Estankona | 2017-09-03 00:00:00 | Yin eta yang
Txina, azken laurogei urteotako mila milioi pertsonaren eguneroko mirakulua, Maorena eta Zhou Enlaiena, 7.000 kilometro egin zituen herriarena –80.000 atera ziren, 10.000 eskas iritsi–, Konfuzio eta Leninen eta lau mila urteko historiaren nahaste hori, Txina txikia eta erraldoia, gure garaiko transformaziorik handiena hartu du Beatriz Chivite Ezkietak (Iruñea, 1991) eta liburu bat atera zaio "umamia"-ren antzekoa. Ahaztu betiko mingotsa, gazia, garratza eta gozoa bakarrik dela mundua. Bosgarren zaporea dakar Pekineko keak.
Pekineko kea da ingurugiroaren degradazioa gordinen ageri den herrialdeko gandu industriala, baina baita poesiaren berezko zetazko gortina argi-irazlea ere: "Limoi zati bat mozten/ gogoratzen dut,/ balkoian etzanda/ eskuan gintonik bat/ eta aurpegian liburua".
Pekineko kea ez da aurten irakurri dudan tesi burutsuena, ez da azken aldian iritsi zaidan testimonio poetiko bihotz-urragarriena. Pekineko kea ez da gau osoan loa galarazi didan irakurketa joria. Pekineko kea da aspaldian irakurri dudan liburu fresko, iradokitzaile, interesgarriena. Eta badauka beste bertute bat oso karua dena: entretenigarria da.
Beatriz Chivitek Txinan emandako ikasturtean idatzitako liburu honetan ez datoz hango kontuak bakarrik. Gainditu egiten ditu hangoa zein hemengoa, kontzeptu duda-mudazko horiek: "Mahuka gabeko kamixeta xuriko gizon zaharrak/ izerditan blai eguzkitan dauden sabelak,/ norantz begiratzen dute begi zorrotz hauek?/ Denboraren urratsetara/ eta eguerdiko siestetara?/ Houhai lakuko seietako eguzkira/ edo Txinako aldakuntzetara?/ Metamorfosi eta mutazio ulertezinetara".
Misterio hori da, mutazio ulertezinena, liburu hau berezi egiten duena. Paisaia begiesten duten begien paisaia, apenas iritsi ez den udaberri oraindik izoztua, amorrarazitakoaren etsipena, herrimina… dena kabitzen da, epigrama findu eta birfindu batean lez, Chiviteren poema batean. Zeren irudi unibertsalen poemategi honetan finak eta handiak aurkituko dituzu, biak batera. Gauza itzelek jendeen baitan sortzen duten dardara ia hautemanezina batetik, eta gauza txikien oihartzun biderkatua bestetik. Zintzo dedikatzen die idazleak liburua gai eternoei, edertasunari, amodioari, denboraren tatuajeei, baina gaien pisua igarri barik idazten du haien gainean, ontzia bezala igarotzen da, markarik utzi gabe, itsasoetatik. Bidaia fisikoa barne-bidaia bihurtua, Pekineko kea ez da poesia, ezpada bizitza poetizatua. | news |
argia-dcdebf029e6d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/generoak-banandutako-erresumak.html | Generoak banandutako erresumak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-09-03 00:00:00 | Generoak banandutako erresumak
Vincennes (Frantzia), 1328ko otsailaren 1a. Karlos I.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa, Kapeto etxearen azken erregea, hil zen. Frantziarrek ederra ezizena (Charles le Bel) ipini zioten, nafarrentzat, aldiz, Karlos burusoila zen (batak ez baitu bestea kentzen). Baina hil zenean ilerik eza ez zen arazoa, gizonezko oinordekorik eza baizik. Karlosek bi alaba utzi zituen eta hirugarrena bidean zen; Joana Evreuxekoa alarguna, erregearen hirugarren emaztea, haurdun zegoen senarra hil zenean, baina aurrerago beste neskato batez erdituko zen. Lege salikoa medio, Frantziako oinordeko zuzenenek ezin zuten aitaren tronuan eseri.
Lege salikoa franko saliarren lege kodea zen –hortik zetorkion izena–, V. mendean bildutakoa eta ondorengo mende askotan indarrean egon zena, zatirik ezagunenean, monarkiaren oinordekotza arautzen zuenean, behintzat: emakumeek ezin zuten erregetza eskuratu. Saint-German-en-Layen bilduta, hildakoaren gizonezko senitarteko gertuenekoen artean aukeratu behar zuten monarka berria. Hauek ziren hiru hautagaiak: Eduardo III.a, Ingalaterrako errege izendatu berria eta hildakoaren iloba, amaren aldetik; Filipe Valoisekoa, Karlosen lehengusua aitaren aldetik; eta Filipe Evreuxekoa, hildako erregearen iloba Joanaren senarra.
Lehen hautagaia behintzat kanporatu nahi zuten frantziarrek, Ingalaterrako koroak Frantziakoa xurga ez zezan. Horretarako 1302an lehenengoz bildutako Estatu Orokorrak berriro elkartu ziren eta oinordekotza legea aldatzea erabaki zuten: emakumeek lehenago ere ez zuten erregetza lortzeko aukerarik, baina oinordekotza transmititzeko eskubidea ere galdu zuten arau berrituaren eraginez. Hala, Filipe Valoisekoak bakarrik betetzen zuen eskakizuna eta hura izendatu zuten Frantziako errege.
Nafar agintariak ere Karlos I.a hil eta berehala bildu ziren oinordekotza erabakitzeko. Generoagatiko mugarik gabe, Karlosen iloba eta Luis Hutinen (Luis I.a Nafarroakoa eta X.a Frantziakoa) alaba Joana izendatu zuten Nafarroako erregina. Eta horrenbestez, Nafarroako eta Frantziako koroak banandu ziren.
Baina ez zen hura oinordekotza lege baztertzailearen ondorio bakarra izan. Ingalaterrako erregeak ere ez zuen onartu izendapena, eta legea iruzurtzat jo zuen. Haren kezka ez zen Nafarroako Joanaren edo Karlosen alaben patua. Filipe IV.a Frantziakoaren gizonezko iloba bakarra zen Eduardo III.a eta beretzat nahi zuen Frantziako koroa. Eta koroa jantzi ezean, Frantziaren aurka egiteko aitzakia zeukan. Frantzia eta Ingalaterraren arteko ezinikusia aspaldiko kontua zen, baina, azkenean, Nafarroaren eta Frantziaren arteko lotura dinastikoa hautsi zuen erabaki hark berak piztu zuen Ehun Urteko Gerra. | news |
argia-d821fa0e22e6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/araizko-zaporeak-berpizten.html | Araizko zaporeak berpizten | Garazi Zabaleta | 2017-09-03 00:00:00 | Araizko zaporeak berpizten
Malloen itzalpeko paraje ikusgarrian dago Araizko bailara, Nafarroako iparraldean. Bertan sortu berri dute "Araizko Zaporeak" sor-marka eta proiektua, bailara bultzatzeko asmoarekin. Herriak husten ari zirela eta nekazaritza intentsiboaren erruz jarduera hori galtzen ari zela ikusita, herritarrak elkartu eta "Araitzen lan eta bizi" batzordea sortu zuten lehenik. "Azken urteetan gailendu den nekazaritza intentsiborako joerak baserri gehienak hustea eta lur guztiak gutxi batzuen esku gelditzea ekarri du. Herri hauen etorkizunari begira ez da bideragarria eredu hori", azaltzen du Maider Agirrebarrena proiektuko kide eta Araizko zinegotziak.
Lurren poltsa
Bailarako lurren poltsa egitea da ekimenaren asmo nagusietakoa orain. Populazioaren gehiengoa zaharra dela jakinda, gerora begira jende gaztearentzat zer lur aukera egongo liratekeen aztertu nahi dute. Bertako lurren inbentario modukoa egitea da ideia. "Jende gaztea bertara hurbiltzea bultzatu nahi dugu, hemen lanean hasteko aukerak ematea", dio Agirrebarrenak.
Inguruko baserritarrei hauspoa ematea ere badu helburu Araizko Zaporeak ekimenak, sor-markapean bilduz bertan ekoizten diren produktuak. Ideia horren baitan ari dira antolatzen urri amaieran eginen den Araizko produktuen azoka ere. Bailarako turismoa ere bultzatu nahi du proiektuak. Logo edo marka beraren atzean, beraz, bailararen aldeko ekimenak bildu dituzte.
Argazkia: Araizko Zaporeak.
Kable sistema zaharra berreskuratzen
Ekainaren 25ean egin zuten Intzan Araizko Zaporeak sor-markaren festa. Juan Gorriti artistak proiektuarentzako egindako logoa aurkeztu zuten bertan. 45 urte inguru geldirik zeramatzan belar kablea martxan jartzeko aprobetxatu zuten eguna. "Bazen kableen sistema oso bat Malloetatik behera belarra botatzeko. Garai hartako jendearekin lanean lortu genuen horietako bat martxan jartzea", azaldu digu Agirrebarrenak.
500 metro inguruko kablea jarri zuten martxan festa egunean, baina ba omen dago ia bi kilometroko beste kable bat Malloetatik jaisten dena. "Polita litzateke aurrerago egun bat egitea hori ere martxan jartzeko", dio zinegotziak. Bitartean, pausoka eta poliki, baina jarraituko dute lanean. "Bailara urteetan utzia edo ahaztua egon da nolabait. Orain, baliabideak erabiltzea da gakoa, bailara berpizten hastea". | news |
argia-1a78d57b39a1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/larrun-2020-proiektua-turismo-masiboa-sustatuko-ote-duen-beldur.html | Larrun 2020 proiektua: turismo masiboa sustatuko ote duen beldur | Mikel Asurmendi | 2017-08-23 00:00:00 | Larrun 2020 proiektua: turismo masiboa sustatuko ote duen beldur
Larrun 2020 egitasmoa Larrungo trenaren ingurumaria berritzeko proiektua da. Azkaine, Sara, Urruña eta Bera herrien magalean ez dago giro. Proiektuak eztabaida zalapartatsua eragin du. Larrun Ez Hunki kolektiboa eratu da egitasmoaren aurka.
Bi asmo kontrajarriak jalgi dira Larrungo Trenaren geroari buruzko egitasmoa gauzatzeko unean. Nehork ez du zalantzan jartzen berau berritu beharra. Usaiako mesfidantza zabaldu da ordea, proiektua kudeatzen duen Frantziako Estatuko instituzioen eta tokiko hainbat herritarren artean. Bigarren hauek "natura errespetatuz, Larrun mendia babestu nahi dugu" diote.
Larrun Ez Hunki kolektiboa antolatu ondoren, egunez egun, herritarrek gero eta errezelo gehiago hartu diote egitasmoari. Proiektuaren egileen arabera "turismoa sustatu eta bisitari kopurua handitu nahi dute". Besterik ez, euren hitzetan. Proiektu xume gisa agertu dute.
Larrun Ez Hunki kolektiboak ez du proiektua berdin ikusten, ordea. Berrikuntza lanen gibelean "beste zerbait" dagoela adierazi du kolektiboko kide Ellande Alfarok: "Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko lehendakariarekin bildu ginen egunean eraberritze lanez harago, beste xede bat antzeman genuen, instituzioek turismoaren eredua berritu nahi dute gure ustez".
Lasserrek proiektua bideratzeko bi aldeen gune bat eratzea proposatu zuen, Alfarok berriz, Larrun Ez Hunki kolektiboak "ez zuen onartu" erran du. Kolektiboak proiektu horretatik at ikusten du bere burua: "Gu egungo arazoak konpontzeko elkarlan bat sustatzearekin ados gaude, baina hizketa gaia natura errespetatzeko eredua da, ez instituzioen proiektua nola gauzatu behar den eztabaidatzea".
Iinstituzioek Larrun mendiaren inguruko herrien "batasun faltsua" saldu izana kritikatu du Larrun ez Hunki Kolektiboak. Egitasmoaren gibelean "Atrakzio parke bat" gauzatzeko asmoa begitandu zaie. Proiektuak hiru eremutan eragingo bide du: tren geltokiaren abiapuntuan, tarteko ibilbidean, eta mendi puntako azpiegituretan. Aurrekontuak eginak omen daude, baina dirua nondik datorren ez omen da argi eta garbi ageri. Esaterako, proiektuak Bera herria ukitzen du, baina Josu Iratzoki auzapez beratarrak dioenez, egitasmoari buruzko informazio oso urria eman zaie beraiei.
Inork ez du zalantzarik, Larrun inguruko azpiegiturak zaharkitu dira. Desadostasunak baina, aldatu beharrekoak zein diren zehaztean eta berauek aldatzeko moduan daude. Larrun 2020 egitasmoa Natura Eremu babestuan gauzatu behar da, baina Sarako Herriko Etxeak –egitasmoa ontzat eman duen herri bakarra– ez du hori aintzat hartzen. Larrun Ez Hunki kolektiboak dioenez, herritar askoren susmoa da, funtsean, egitasmoaren atzean ez ote den ezkutatzen "turismo masiboa" sustatuko duen proiektua.
Gara egunkarian jorratu dute albiste hau eta hemen aurki liteke informazio gehiago. | news |
argia-819f78eeec89 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/ongi-etorri-adur-larrea.html | Ongi etorri Adur Larrea | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2017-09-03 00:00:00 | Ongi etorri Adur Larrea
Hiru, bi, bat... eta hasi da asteroko martxaren lasterketa! Eta noski, denoi gustatzen zaigu oporretatik bueltako lehen lanegunean nobedadeez enteratzea, ezta irakurle? Pare bat berri behintzat iritsi dira nire belarrietara, eta baten bat poltsikoan gordeko dut hurrengorako, baina lehenengoa ezin isilik gorde eta botako dizut (lehenago ikusi ez baduzu behintzat sorpresa izango da!). Komiki tira berria aurkeztu du ARGIAk ale honekin batera. Adur Larrea da egilea, eta astero astero aldizkari honen Panorama atalean izango duzu bere umorea dastatzerik.
Nik bitartean ezin eutsi tentazioari eta galdera txiki batzuk egin dizkiot Larreari ARGIArako bere saltoaz. Ez da ilustrazio munduan hasi berria kolaboratzailea, eta ARGIArekin ere eginak ditu lehendik lan batzuk; hala nola Asisko Urmenetarekin eta Mattin Irigoienekin batera Okatxu komikiaren sormen lanetan aritu zen, baita ARGIAren 90. urteurrena ospatzeko antolatutako "bertso-zirimarra" emanaldian ere. "Zer da Adur Larreak astero irakurleari eskainiko diona?" Galdetu diot, eta hemen bere erantzuna: "Egunero, hainbat mediok egia kontatzen digute. Eztabaidaezina den ikusmolde bat, nahitaez jaso behar diren berriak, gizarteak ezagutu behar dituen albiste absolutuak... Beste era batez uler daiteke informazio hori guztia? Tira, horri erantzuten saiatuko naiz nire marrazki umilen bidez. Humanitateari nire zalantzen eta kezken zirriborro ulergarri bat igortzen ahaleginduko naiz".
Zergatik onartu du, ordea, Adur Larreak ARGIAren eskaintza? "Beti gustatu zaizkit era guztietako gaiak eta problematikak ikuspuntu kritiko eta sintetiko batetik jorratzen dituzten marrazkilariak. ARGIAn adibidez, Asiskok umore fin bezain gupidagabe horrekin langa oso altu jarri du bertan eman dituen urte hauetan guztietan. Langa horren gainetik igarotzea oso zaila denez, agian inguratzen saiatuko naiz...". | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.