id
stringlengths
17
47
source
stringclasses
54 values
license
stringclasses
15 values
lang
stringclasses
1 value
url
stringlengths
17
329
title
stringlengths
0
653
author
stringlengths
0
499
date
stringlengths
4
20
text
stringlengths
20
2.08M
domain
stringclasses
7 values
argia-a8b0873d8368
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/jule-goikoetxea.html
"Ezin dugu edukirik gabe erabaki"
Sustrai Colina
2015-07-19 00:00:00
"Ezin dugu edukirik gabe erabaki" "Askok irudipena du... Askok itxura hutsetik..." "Txikitan gidatzen ninduen mutiko basatiaren idearioa suntsitu egin da eta gaizki atera den neskatxa baten posterretratua daukat ordezko". Txikitan, besterik gabe Jule nintzen irudipena nuen. Ez neska izatearen sentipenik ez gero etorriko zen guztiaren kontzientziarik. Oso identifikatuta sentitzen nintzen oihaneko mutikoarekin. Zure iruditerian zure burua norekin nola ikusten duzun eta gizarteak norekin eta zerekin lotzen zaituen oso gutxitan datoz bat. Talka horren kudeaketak baldintzatzen dizkizu oreka mental eta emozionala. Niretzat ez da bereziki gatazkatsua izan baina su-etenik gabeko gerra da askorentzat. Zer gara, gure ustez garena edo besteek gutaz uste dutena? Zer gertatzen da gizarteak ez badu izan nahi duzuna ikusi nahi edo galarazten badu? Zarenera edo izan nahi duzunera heltzeko borrokan ez baita nahikoa diskurtsoa. Diskurtsiboak gara, baina diskurtsoak ez du bizitza atsegingarriagoa bihurtzen.   Zein leku hartzen du estatuak bizitzan? Oso egiturazalea naiz, orohar. Politika deitzen dugun eremuan estatua da egitura ahaltsuenetakoa: gizartea era batera edo bestera birsortzeko gaitasuna dauka, biziraupena gaur eta hemen bermatzen du... Kontua ez da egitura ahaltsu hori estatua izendatzen dugun edo ez, egiturek gizartearentzako eta identitate pertsonalentzako dituzten ondorioak ulertzea baizik. Hori da jorratu beharrekoa. Izan ere, nahiko herri egituratua gara. Hegoaldean politikoki oso erakundetuta gaude, eta Iparraldean kolore politiko guztiek azpimarratzen dute egitura baten premia eta garrantzia. Ez dira alferrik estatuak edo egiturak gizartearen araberakoak. Egiturak gizarteek egikaritzen dituzten heinean islatzen da gizarte horren kultura politikoa. Demokrazia guztiak ez dira berdinak eta kapitalismo guztiak ere ez.    Gurean ez al dugu estatugintza naziogintzarekin ordezkatu? Bai, baina deskriptiboki estatugintza da benetan egin duguna. Estatuarekiko eta ahalmen handiko erakundeekiko errezeloz eta deskonfiantzaz, naziogintza edo herrigintza erabili dira, baina aldaketa haizeak datoz. Eskozian zein Katalunian diskurtsoa mudatzen ari da, jende gehienak ez du estatugintza lehen bezain hotz eta arrotz hartzen. Zergatik? Ditxosozko naziogintza edo herrigintza ongizatearekin lotzen hasi direlako. Euskal eskola publikoa, euskaraz bizi ahal izatea, gizarte zerbitzu egokiak jasotzea... naziogintza eta herrigintza izateaz gain, estatugintza dira! Ez gaitezen engaina, Hegoaldean estatu erakundeak dauzkagu, eta herri honek gizartetik sortua erakundetzeko joera historikoa du. Horregatik, kanpotik begiratuta, nabarmena da estatugintza itzela egin dela hemen. Diskurtsoan hitza txertatzea falta zaigu.    Iraun dezakegu euskal estaturik gabe? Epe luzera ez eta epe ertainera dudako biziraupenarekin. Egungo euskal gizartea ez da orain 500 urtekoa, 200 urtekoa, ezta 50 urtekoa ere, eta bere zentzu zabalean euskaldun izateak biziraupen kaskarra badakar, askok euskaldun izateari utziko dio. Euskal estaturik gabe nekez izango dugu kalitatezko biziraupenik. Are gehiago, euskal estaturik gabe ez da euskal demokraziarik egongo. Ez dakigu aurrerantzean estatuak zer bihurtuko diren, baina nola gauzatuko ditugu euskal gizartearen eskakizunak euskal estaturik gabe? Eskakizun horiek bete ezean, kultura edo entitate museistiko legez aniztasunaren aterkipean tokitxo bat egingo digute agian, baina ez gara komunitate politiko bat izango. Horregatik, komunitate politiko izateko borrokatu behar gara, ez adibide kultural moduan irauteko.  Estatugintzak erabakitze eskubidea du ezinbesteko geltoki? Bai, batez ere, erabakitze eskubidea hainbat adieratan ulertu daitekeelako. Eskubide bezala ulertu daiteke, baina oraindik ez da. Nik proiektu politiko bat gauzatzea ahalbidetzen duen kontzeptutzat daukat. Hala, guk erabakiz gero izango dugu euskal estatu bat, eta euskal estaturik ez dugula nahi deliberatzen badugu ez dugu izango. Egikaritzean, jendeak erabakitzean, bihurtuko da eskubide. Momentuz erreklamazio, dei, edo aldarrikapen bat baizik ez da. Horregatik ikasi behar dugu eskoziarrengandik erabakitze eskubidearen bidea informatze eta formatze prozesu bihurtzen. Galdeketa egin arte urteak pasa dituzte herriz herri hitz egiten, herri galdeketak oso modu egituratuan antolatzen, Liburu Zuria idazten... Erabakitze prozesua edukiz bete dute. Erabakia edukia da eta eduki masa hori batera landuz eraikitzen da gizarte demokratikoa. Jendea formatu, informatu, eta ahaldundu behar dugu. Ezin dugu edukirik gabe erabaki. Horri kataluniarren mobilizatze gaitasuna gehitu behar diogu. Alderdien eta gizarte zibilaren arteko indar-harremana irauli dute. Aurrera egiteko gizarte mugimenduak alderdien morrontzatik askatu behar genituzke.  Estatua eta biolentzia sinonimoak direla aldarrikatzen dute estatuaren kontrakoek.  Indarkeriaren legitimitatearen monopolioa estatuarena da. Hau da, legez estatuak soilik erabili dezake indarra. Hori hala, ez da ahaztu behar estatuak biolentzia egikaritzen duen gisan guk ere egunero egikaritzen dugula. Gizartea oso bortitza da, komunitatea zer esanik ez. Gizarte zein komunitatean indarkeriarik ez balego estatuan ez legoke biolentziarik. Egia da ni ezin nintekeela genozidio batera iritsi, eta estatu bat bai, baina ahalmenarekin lotzen dut hori, ez izaerarekin. Estatuaren aurrekoa da biolentzia eta estatuak eraistean jarraituko du. Arazoa da biolentziaren kontzeptua oso eremu jakinetara mugatzen dela, gauza batzuk indarkeriatzat dauzkagula eta beste batzuk ez. Sistema liberaletan bizi gara, eta demokraziaz teorizatu duten jakintsu guztiek kanpotik datorrena izan dute biolentziatzat. Hori irauli behar dugu. Guk nolako indarkeria darabilgun identifikatzeko baliabiderik ez badugu alferrik gabiltza. Asanblada batean 40 urteko gizon zuri profesional batek hitz egitea eta 70 urteko etxeko andre batek ez, biolentzia sinboliko izugarria da. Hor ageri da nola birsortzen diren botere kultural, ekonomiko eta soziala. Botere harreman horiek etengabekoak dira, eta estatu izan ala ez, gure biolentzia identifikatu behar dugu, botere harreman horiek malgutu, ahalmenak berriz banatu, eta indarkeria murrizteko.   Euskal estatu feminista aldarrikatzen duzu zuk.  Horrek sistema demokratikoaren oinarriak berplanteatzea eskatzen du. Demokrazia ez da soilik liberala, patriarkala ere bada, eta ondorioz, gizonezkoaren zein emakumezkoaren figurak kontestu batean eraikitakoak dira. Hala, non jaiotzen dira gizon arrazional, jantzi, eta kualifikatuak? Espazio publikoan, berdinen artekotzat dugun eremuan, estatu moderno batek ahalbidetzen duen joko-zelaian. Hori mantendu ahal izateko ezinbestekoa da ezberdinen arteko eremu bat: espazio pribatua. Ezberdinen espazio horretan sartzen dira gainontzeko guztiak: emakumeak, umeak, etorkinak... Oso ongi azaldu zuen Rousseauk eremu pribatuan mugitu behar zela emakumea, nola portatu behar zuen, zein jarrera izan. Gainera, demokrazia kapitalista da. Ondorioz, eremu publikoan aritzea ordaindu egiten da, baliabidez hornitzen, eta jabetza pribatua dutenak jarduten direnez bertan, eskubide sozio-ekonomikoak ziurtatzen dira berdintasuna bermatzeko. Aldiz, eremu pribatua ez denez berdinen arteko espazioa, lege politiko zein sozio-ekonomikoak ez dira aplikatzen, ez da ordaintzen, eta espazio zabal eta anitz horri erreprodukzioa deitzen zaio. Gizonezkoek produkzioa, emakumezkoek erreprodukzioa. Horrela jai daukagu. Espazio banaketa horiek hankaz gora bota behar dira, berriz asmatu, bestela emakumezkoek prekarietatean segiko dute, soldata murritzekin, eremu gutxietsi eta menostuetan. Hegemonia berriak behar ditugu zaharrak eraisteko.     Jendeak euskal estatua aldarrikatzen duenean zer nahi du, bestelako estatu bat ala "frantses" edo "espainiar" jartzen duen lekuan "euskal" ageri den estatu bat? Gizartea konbentzionala da, eta alde batetik eskerrak, bestela agian ez bailegoke gizarterik. Hala, ideia, joera, eta jarrera hegemonikoak erreproduzitzeko inertzia du gizarteak. Jendeak euskal estatua irudikatzen duenean, ongizate handiagoko estatu zintzoagoa marrazten du, bestela orain daukanetik ez lukeelako atera nahiko batetik, eta besteak baino jatorragoak garela pentsatzeko joera dugulako bestetik. Horrek ez nau kezkatzen. Badakit gehiengoa ez dela feminista izango, are gutxiago ni bezalako muturreko feminista, eta badakit "estatu feminista ala ezer ez" aldarrikatzea espainiar edo frantziar estatuaren alde egitea dela. Izan ere, eztabaida ez da estatua bai ala estatua ez. Bakoitzak berea, baina estatua badaukagu. Zeintzuk izango lirateke balizko euskal estatu baten abantailak? Orain ez ditugun onura linguistikoak izango genituzke, gure kultura politikoari hobeto egokitutako egitura litzateke, eta nire ustez, gutxi izanik, errazagoa litzateke proiektu minoritarioak bultzatzea. Ezin gara engainatu, jendea ez da masiboki mobilizatuko euskal estatu sozialista edo feminista baten alde, baina euskal estatu baten alde agian bai. Mobilizazioak masiboki pentsatu behar ditugu.    Mobilizazioak masiboki pentsatu behar ditugu baina subalternitateak egiten omen gaitu euskaldun.  Euskaldun hitzaren atzean arazo bat dago. Gehiengo handi batek identitate bati buruz hitz egiteko erabiltzen du, ez euskaraz dakienari oihartzun egiteko. Horregatik, agian euskaldun hitza jendeak darabilen adieran erabili behar genuke, vasco -ez ari garela onartu eta kito. Euskalduna izateak identitate bati erreferentzia egingo badio, identitateak etengabe borrokan dabiltzan figurak direla hartu behar dugu kontuan, eta uneotan euskaldunak identitate subalterno bat gara. Subalternitate horretatik atera nahi badugu denok identifikatu beharko dugu euskal identitate subalterno hori. Hori da estrategia. Zure burua subalternotzat duzunean jartzen duzu borroka martxan. Ez da kasualitatea azken aldian euskalgintza eta feminismoa elkarrengana hurbildu izana. Euskalgintzan dabilenak, edo euskaldunak, bizi dituen arazoak subalternoa delako bizi dituela ulertzen badu, halabeharrez joko du subalternitatea identifikatu eta analizatu duten korronteetara, eta feminismoak oso modu integratzailean aztertzen ditu subalternitatearen aurpegi guztiak.  Han-hemenkako ertzeko suak elkarri konektatzea da alternatiba? Ezagutzaren eta diziplinen arteko fragmentazioa sistema kapitalista neoliberalaren ondorio bat baino ez da. Hala, zatiketa horrek balio dezake analisirako, baina ez egiturazko proposamenak egiteko. Sektorizatutako guztia batera egikaritzean egiten duzu politika. Horrek aliantzak egitea esan nahi du, mugimenduen arteko gizarte mailako aliantzak, baina baita ezagutzari lotuak ere. Horregatik diot feminismoa dela integratzaileena, subalternitatearekin lotutako borroka guztientzako aterkia baita. Berdin du zuria edo beltza zaren, pobrea edo aberatsa, feminismoak botere harremanak non-nahi identifikatzeko tresnak ematen dizkizu. Horiek oro elkarri josiz bihurtzen da sistema ikusgarri, eta aldi berean, sistemari kontra egiteko zerbait sistematikoa eraikitzen laguntzen dizu.  Garai politikoak datoz? Aldibereko aldaketek dakarte krisia. Objektiboki zein subjektiboki krisi betean gaude. Hori diote datuek eta hala bizi du jendeak. Demokraziaren krisi parlamentarioak eta Europa osoan zehar barreiatu den ofentsiba ekonomikoaren bat egiteak lehertu du burbuila. Urtetan diruarekin estali da demokraziaren krisi parlamentarioa, baina sosak agortzean zulo guztiak geratu dira bistan. Parlamentuak, ordezkaritza demokraziak, ez du funtzionatzen. Begi bistakoa da erabakiak ez dituztela gure agintariek hartzen, lobby edo esku pribatuek baizik. Horrek mobilizazioak pizten ditu non-nahi. Jende asko bildu da politikara. Ez orain arteko moldeetan, baina jendea politizatzen ari da. Jendeak kontziente izan behar du oso garai politikoak bizi ditugula. Hurrengo bi urteetan, hurrengo 30 urteak baldintzatuko dituzten erabaki asko hartuko dira.
news
argia-8c3c499e425c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/irabazleak.html
Irabazleak
Mikel Zurbano
2015-07-19 00:00:00
Irabazleak Bankuak eta hauen inguruko araugintza eta kontrol urria egungo krisiaren erantzule nagusiak dira. Europako zein Amerikako Estatu Batuen esperientziek argi erakusten dute bankuen erantzukizuna, herritarrek uste hori berretsi egiten dute. Espainiako Estatuan eta Hego Euskal Herrian banka sistemari egiten zaizkion kritikak Europako batez bestekoaren gainetik daude. Nolanahi den ere, paradoxikoa da krisian zerikusi garrantzitsua izandako beste eragile batzuek –hala nola alderdi tradizionalak edota korporazio mediatikoak– narriadura izugarria pairatu dutenean banku handiek beren posizioa indartu egin izana. Esaterako, inkesta gehienetan errepikatzen da Espainiako Estatuko bipartidismoak boto asmoaren arabera 25 puntu inguruko galera izan duela eta egunkari handiek beren irakurleen %40 galdu dituztela. Estatuko banku nagusien merkatu kuota, aldiz, bere gailur historikoan dago: krisiaren aurretik banketxeek ez zuten jasotzen herritarren gordailuen %50 ere, kutxek hartzen baitzuten gehiengoa, baina gaur egun gordailuen %90 bankuen esku dago. Jakina denez, kutxen desagertzeak sektoreko berregituraketa eragin du eta herritarren kutxetako gordailuen gehiengoa banketxeetara bideratu da. Bestalde, Estatuko banketxeek hamarkadaren hasieran izandako galeren gehiengoa Europako Batzordeak estimatutako 90.000 milioi euroko laguntza publikoa jasota kitatua izan da. Gobernuak horren herena baino gehiago galdutzat eman du dagoeneko, baina etorkizunean kopuru hori are gehiago handituko dela ikusiko dugu. Horrregatik guztiagatik, errentagarritasun mailarik gorena berreskuratu dute Espainiako Estatuko finantza erakundeek. Alta, 2014 urtea aspaldiko onena izan da banketxeentzat –Espainiako Bankuko datuen arabera– mozkin garbiak %36 igo baitira aurreko urteko mozkinen aldean. 2015 urterako aurreikuspen batzuek mozkinen igoera handiagoa iragartzen dute. Europako Banku Zentralek irekitako aparteko finantzazio lerroak eta ogasunetik jasotako trataera onuragarriak zerikusi estua izan dute errentagarritasunaren hazkundearekin. Izan ere, emaitzen hobekuntza hau gertatu da bankaren negozio bolumena jaisten ari den unean, kreditu bolumenaren azkenaldiko jaitsiera da horren erakusle nagusia. Azkenik, banka negozioaren biziberritzearen arrazoi gehigarria sektorean egon den lanpostuen galera izugarria da –2008 urtean baino 60.000 lanpostu gutxiago dago orain eta bulego sarea ere %30 murriztu da–. Alabaina, krisiaren aurreko errentagarritasun maila apaldu izana Estatuko finantza boterearen kezka bihurtu da, batik bat interes tasek izan dituzten jaitsierek eraginda. Horren aurrean bankuen bategiteak eta irensteak bultzatu nahi dituzte, gehienbat Kutxabank bezalako tamaina txikia duten finantza erakundeen artean. Ohi legez, finantza eliteak botere oligopolikoaren egarri dira eta finantza eredua jendearen oinarrizko beharretatik areago urruntzeko arriskua bistakoa da. Haatik, finantzetako bestelako eredu baterako lehen zantzuak agertzen ari dira han-hemenka, lankidetza eta elkartasun baloreak atxikita eraikitzen eta hedatzen ari diren Fiare, Coop57, Triodos… gisako finantza entitateen esperientzien eskutik. Erantzun politikoaren esku ez ezik finantza kontsumitzaileon esku ere badago irtenbideak bilatzea arlo garrantzitsu honetan ere. Etorkizuneko finantza eredu solidarioa eta konpromisodunaren haziak zabaltzeko erantzukizuna dugu, irabazleak guztiok izan gaitezen.
news
argia-c4efba8d8464
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/javi-carro-eajko-legebiltzarkidea-gasteizen.html
"Alderdiok Jaurlaritzari esan dioguna argia da: gelditu frackinga"
Unai Brea
2015-07-19 00:00:00
"Alderdiok Jaurlaritzari esan dioguna argia da: gelditu frackinga" EAEn haustura hidraulikoa eragozten duen legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak ekainaren 30ean. Parlamentuko alderdiak iazko irailean Fracking Ez plataformak 103.000 sinaduraren babesarekin aurkeztutako Herri Ekimen Legegiletik abiatu dira legea ontzeko, baina jatorrizko debeku esplizitua ez da ageri onartutako testuan, bai ordea frackingari traba asko jartzen dion neurri sorta. Javi Carro legebiltzarkide arabarra izan da EAJren ordezkaria legea landu duen ponentzian. Jeltzaleak abstenitu egin ziren bozketan. Adierazi duzue ados zaudetela frackingari buruzko legean jasotako babes neurriekin, baina hala ere abstenitu zineten. Uste baikenuen aukera historikoa galdu dugula legea are hobeto osatzeko, onartu diren hiru neurri murriztaileei guk proposatutako bost eta zortzi urte bitarteko moratoria ezarriz. Abiapuntua zen estatuan izandako aurrekariak (Nafarroa, Kantabria, Errioxa...) erabateko debekuzkoak direla, eta Madrilek, Konstituzio Auzitegiaren bitartez, denak baliogabetu dituela. Fracking Ez plataformak zekarren proposamena ere halakoa zen, eta beraz bagenuen pertzepzioa hori ez zela egokiena. Ondo aztertu behar genuen frackingaren aurrean zer neurri har zitekeen. Eta uste genuen babesa handiagoa izango zela onartutakoari gure moratoria erantsiz, juridikoki segurtasun-eza handitu arren.    Zer ekarriko zukeen moratoriak? Lehenik eta behin, Jaurlaritza behartzea. Gero ikusiko zen –eta ikusiko da, onartu denarekin ere– estatua etorriko ote zen esatera lege honek EAEko eskumenen esparrua gainditzen zuela. Hori ez gertatzeko, moratoria proposamena beste neurri batekin osatzen zen: estatuak ere parte hartuko lukeen batzorde zientifiko bat eratzea. Zergatik ekar zezakeen segurtasun-ez juridikoa moratoriak? Lur azpian dagoen guztia estatuarena da. Hari dagokio, eta ez beste inori, horri buruzko legedia egitea [horregatik baliogabetu dira hainbat erkidegok emandako lege debekatzaileak]. Estatuak debekutzat har zezakeen moratoria, eta horretan oinarrituta gure legea baliogabetu; hain zuzen hori saihesteko esan dugu moratoria epe jakin baterako izan behar zela, eta estatuarekin lankidetzan. Leporatu egin zaizue moratoria proposamena denbora irabazteko saiakera besterik ez zela. Bai, eta hauteskunde garaia zetorrelako eztabaida moteldu eta legearen onarpena ahal beste atzeratu nahi izan dugula. Gure asmoa zorrotz jokatzea besterik ez da izan. Denbora irabaztea? Bada, bai. Kontua hartu behar da abiapuntua zein  den: EAEk sekulako dependentzia energetikoa du, %93 ingurukoa, eta ia baliabiderik ez. Ezin da aterik itxi. Frackingak orain ez dauka batere itxura onik, baina ikus dezagun nola eboluzionatuko duen teknikak. Eta zentzu horretan, hobe da energia-baliabideen kontrola esku publikoetan egotea enpresa pribatuenetan baino. Leporatu egin zaigu, baita ere, EAJk alderdi modura moratoria baten beharra argi ikusten bazuen nahikoa zela Jaurlaritzak frackinga ez sustatzea. Baina hala jokatuko bagenu beti, hemen ez legoke legerik ezertarako, eta denok gidatuko genuke gida-baimenik gabe, esaterako. Zertarako onartu dugu Etxebizitza Legea, gobernuak bere kasa har baditzake neurriak? Jaurlaritza legez behartu behar da, babesa ondo bermatzeko. Debekurik ezin ezarrita, kontua da onartutako legeak eragotzi egiten duela frackinga. Plataforma ere pozik agertu da. Guk ere onartu dugu legea aurrerapausoa dela, gizartea babestuago dago orain; horregatik abstenitu gara. Nik uste dut legea zer den haren izenak definitzen duela ezin hobeto: hidrokarburo ez-konbentzionalak erauzteko prozesuan eta frackingean ingurumena babesteko neurri osagarrien legea. Jatorrizko Herri Ekimen Legegileak zekarren izenburu bera da, eta Fracking Ez plataformak horretan bete-betean asmatu zuelakoan nago. Beste kontu bat da jatorrizko artikuluekin legeak oso bide laburra egingo zukeela, beste erkidegoetan ikusi denez. Aldiz, lege hau EAEn ere badauzkagun eskuduntzen eremuaren barrukoa da. Ikusi beharko da, hala ere, estatuak nola erreakzionatuko duen. Demagun zuen proposamena onartua izan dela, eta bost edo zortzi urteko moratoria agortuta gaia aztertu duen zientzialari batzordeak –ikusi beharko litzateke nortzuk osatuko luketen– dioela hidrokarburo ez-konbentzionalak erauzteko teknikak badirela seguruak. Baina legeak traba egiten dio horiek erabiltzeari. Onartu diren hiru neurriak oso orokorrak dira. "Kutsatu ahal balu", "kaltegarria izan ahal balitz"... Etorkizuneko teknika batek, izan frackinga edo izan frucking-a, segurua balitz, ez luke legea urratuko. Baina jakina, segurtasun hori frogatu egin beharko litzateke. Momentuz argi dagoena hau da: inon idatzita ez badago ere, gizartearen onespena izeneko gauza bat existitzen da. Eta frackingak onespen hori galdu zuen 2011ko urrian, Patxi Lopezek Texasen iragarri zuenean 60 urterako gasa zegoela hemen. Ordutik hona frackingarekiko iritzi bat zabaldu da euskal gizartean, frackingak sinesgarritasuna galdu du, eta nekez berreskuratuko du. EAJ barruan azken hilabeteetan gaiarekiko jarrera aldaketa nabarmena izan da. Ez dago zalantzarik 2011tik hona bizi izan dugun guztia beharrezkoa izan dela azkenean denok jarrera bat hartzeko. Begi-bistakoa da PSE eta EAEko PP, frackingari dagokionez, ez direla duela bi urteko berak [ biek bozkatu dute legearen alde]. Eta gaurko EAJ ere ez da 2011koa. Zenbait analisiren arabera, EAJren ikuspuntutik Texaseko iragarpen arranditsu hura egitea izan zen Patxi Lopezen gobernuaren hutsegiterik handiena, Ibarretxeren garaitik isilpean egiten ari zena zapuztu baitzuen. Bestela, lehenbiziko zulaketak egiteko zorian geundeke agian. Baliteke hala izatea. Baina hori diotenek, berriz ere, ez dute kontuan hartu arazo nagusia: gure baliabideen ezagutza zehatza behar dugu, eta horretarako ikertu egin behar da, horixe da gobernu arduratsu baten lana. Nik ez dut kritikatzen Ibarretxeren gobernuak hidrokarburoak bilatu nahi izana, eta are gehiago, gaur, 2015eko uztailean, uste dut SHESA sozietate publikoa guztiz beharrezkoa dela, trantsizio energetikoaren kontrola esku publikoetan nahi dudalako. Hori bai, Ibarretxeren gobernuak ikertu beharra zeukan, baina ez edozein preziotan. Nik gobernu hari egin diezaiokedan kritika Kuartangoko Udalaren (EAJren esku, bide batez) haserrea eragin zuen bera da: beren lurretan bi putzu egiteko proiektuaren berri buletin ofizialaren bidez jaso zutela. EAJ Lakuara itzuliz geroztik, Jaurlaritzak aurrera eraman ditu fracking proiektuak. Zure ustez zer egin beharko du orain? Haiei galdetu beharko zaie. Edozein kasutan, zeri begiratu behar dio Ekonomia Garapen sailak? Legean idatzita dagoen testuari, edo herritarrek agertu duten borondateari, alderdi politikoek formula honen bidez adierazi dutena beste modurik ez zutelako? UPyD ez beste alderdi guztiok esan dugunaren esanahia argia da: gelditu hau. Jaurlaritzak zer egingo duen? Ikusiko dugu. Nekez sinetsi daiteke EAJn gaiaz eztabaidatu duzuen bitartean Ekonomia Garapen sailaren asmoen berri izan ez duzuenik. Eta nork esan dizu ez dugula izan? Jaurlaritzak argi esan du beti: hidrokarburoak aztertzeko sozietate publiko bat dauka, eta ikertzen jarraitu nahi izan du. EAJ izan da hausnarketa egin eta gero, bost urteko moratoria proposatzeko barne-akordioa lortu duena. Eta akordio hori alderdi barruko osagai guztiak eta erpin guztiak kontuan edukita gauzatu da. Jaurlaritzak –izan Ibarretxerenak, Lopezenak edo Urkullurenak– ikertzeko beharra dauka, eta beste batzuei dagokigu mugak ipintzea, beste batzuek esango diogu "ikertu bai, baina ez edozein preziotan". Energia-baliabideak administrazio publikoaren kontrolpean edukitzeko beharra aipatu duzu lehen. Araban aurreikusita zeuden proiektuetan, ordea, SHESA sozietate publikoaren parte hartzea erdia baino txikiagoa zen, AEBetako enpresek zuten gehiengoa. Europak ez du ia hidrokarburoen alorreko teknologiarik, eta alde horretatik estatubatuarren menpe gaude. Egia da parte hartze publikoa erdia baino gutxiago dela, %40 ingurukoa uste dut, baina zalantzarik ez dago parte hartze publikoak pisu espezifiko bat duela. Ipar Amerikako enpresa bat ez da hona etorriko negozioa egitera bertoko gobernuaren aurka jarrita, portzentajea handiagoa izan arren. Beraz, kontrol publikoa existitu existitzen da. Horri lotuta, badago Fracking Ez plataformak zorroztasun handiagoz analizatu beharko lukeen gai bat: estatuak hidrokarburoak ikertzeko baimenak ematen ditu, eta esklusibitatean ematen ditu. Behin ikusita leku batean badagoela errentagarritasunez ustiatzeko moduko baliabide bat, estatuak ikertu duenari emango dio ustiapenean lehentasuna, baina erauzketa erritmoa ez bada hark nahi bezain azkarra, kontzesioa kendu eta beste bati eman diezaioke. Hori beste elementu bat da euskal herritarrok esan dezagun: non egon behar da baliabide hori? Teknika egokia sortu bitartean, lur azpian. Galdera nagusia ez baita gasa ote dagoen, aspalditik dakigu gasa dagoela!, galdera da ea zenbat gas ateratzeko gai garen teknika jakin bat erabiliz. Beraz, ustiapena baldintza seguruetan egitea ahalbidetzen duen teknika batekin egin behar da ikerketa ere. Eta gaurko baldintzak ez dira egokienak, besteak beste Araban 800 putzu inguru egin beharko liratekeelako. Astakeria bat. Ekainaren 30eko eztabaidan esan zenuen bi aukera zeudela mahai gainean: azkenean onartu zena, hau da, hiru neurri murriztaileena, eta zuena, hiru neurriok gehi moratoria. Esan zenuen ere tamalez ezin zitzaiela galdetu Herri Ekimen Legegilea sinatu zuten 100.000 herritarrei zein nahiago zuten. Uste duzu onartutakoarekin pozik egongo direla? Ez dakit zer pentsatzen duen 100.000 horietako bakoitzak –bide batez esateko, ni bat naiz–, baina garbi dago onartu denaren espiritua  frackinga eragoztea dela. Eusko Jaurlaritzak jaramon egiten badio horri, oso argi dago zer egin behar duen: teknika hau giltzapean eduki. Azkenerako neukan gordeta galdera baina aurrea hartu didazu. 100.000 sinatzaileetakoa zara, beraz. Bai. Izarrakoa naiz eta hamasei urtez izan naiz nire udaleko, Urkabustaizeko, alkatea. Oso antzinako usadio eta arauei esker gorde diren akuifero izugarrien gainean dago nire herria. Horregatik sinatu nuen.
news
argia-717cf3375f7f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/bikinia-bonba-atomikoak-adina-eragin-izango-zuen-bainujantzia.html
Bikinia, bonba atomikoak adina eragin izango zuen bainujantzia
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-07-19 00:00:00
Bikinia, bonba atomikoak adina eragin izango zuen bainujantzia 1946ko uztailean bonba atomikoen probak egiten hasi ziren Bikini atoloian, Marshall Uharteetan. Urte berean, Louis Réard auto ingeniari eta moda diseinatzaile frantziarrak sabela agerian uzten zuen bi piezako bainujantzi ausarta diseinatu zuen emakumeentzat. Dirudienez, sortzaileak arazoak izan zituen modelo bat aurkitzeko, bikinia moralgabetzat jo baitzuten. Horregatik Parisko Casinoko dantzari Micheline Bernardinirengana (argazkian) jo behar izan zuen eta hura izan zen Melitor Hoteleko igerilekuko desfilean bikinia soinean eramaten lehena. Bainujantziaren izena ere Bernardiniri berari egozten diote; dirudienez dantzariak "Bikiniko bonba baino lehergarriagoa" izango zela esan zion Réardi.
news
argia-23c2dd3f4937
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/erritmoa-eta-emozioa.html
Erritmoa eta emozioa
Montserrat Auzmendi del Solar
2018-02-25 00:00:00
Erritmoa eta emozioa Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ekarri digu nortasun handiko eta karisma berezia duen musikari bat, Håkan Hardenberger tronpeta- jole suediarra hain zuzen ere. Eta, aldi honetan artista honen bi ikuspegi disfrutatzeko aukera izan genuen. Alde batetik bakarlari bezala, eta bestetik zuzendariaren lanetan. Bietan, distiratsua, nahiz eta, egia esan, bakarlariaren rola hobeto egokitzen zen haren ezaugarrietara. Teknika doi-doia dauka tronpeta-joleak, oso adierazkor eta gertua da publikoarekiko, eta freskotasun aparta du estilo guztietan. Osagai hauekin guztekin izar bat egiten da, eta batzuetan horrelako izarrek gidari bat behar dute enpastea lortzeko orkestrarekin. Hardenbergerrek lan bikaina egin zuen orkestrarekin, egia da, baina agian suediarrak duen indarrak eta orkestraren kalitateak emaitza doi eta eleganteagoa lortuko zuten beste zuzendari batekin. Hau da nire hausnarketa guztiz pertsonala. Estilo desberdinen paseoa egin genuen, ederra. Hasteko, Haydnen inozotasun faltsuaz gozatu genuen. Kreazioaren Preludioa: kaosaren irudikapena doi eta delikatua iritsi zitzaigun. Jarraian, Tronpeta eta sokazko orkestrarako kontzertua mi bemol maiorrean sendo eta adierazkorra entzun genuen. Hemen bai luzitu zen Hardenberger jauna. Garbitasunez jo zuen uneoro eta txunditu egin zuen publikoa hain famatua den hirugarren mugimenduarekin. Saioaren lehenengo zatia amaitzeko, konpositore beraren 22. Sinfonia, mi bemol maiorrean; Filosofoa jo zuten, estilo garbi eta purua mantenduz. Bigarren zatian, beste usain bateko musika entzun genuen. Töru Takemitsu konpositore japoniarrak Paths obra egin zuen Witold Lutoslawskiren omenez. Elkarrizketa berezi bat lantzen du Takemitsuk obra honetan. Tronpeta sordinarekin eta sordinarik gabe tartekatzen dira ariketa melodiko iradokitzailea eginez. Hardenbergerrek, bere teknika izugarriari esker, interpretazio bikaina egin zuen. Lutoslawskiren Orkestrarako kontzertua -rekin amaitu zen emanaldia. Folklore, ehundurak, tinbre jokoak, klasizismoa eta abangoardia nahasten dira lan efektudun eta erakargarri honetan. Euskadiko Orkestrak, Håkan Hardenbergeren batutapean, irakurketa zinez kanporakoi eta distiratsua egin zuen. Oso ona.
news
argia-ac787789e78b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/zerutik-miss-moztare.html
Zerutik, Miss Moztare
Jakoba Errekondo
2018-02-25 00:00:00
Zerutik, Miss Moztare Nekazaritzaren zientzien munduan erredukzionismoa izan da nagusi, ikuspegi motza, motzarena, alegia. Erredukzionismo hitz itsusiak zera adierazi nahi du: sistema edo izakera konplexu bat, bera osatzen duten zatien bidez adieraz daitekeena. Adibidez, landarea pattal badago, ongarri jakin batzuk eman, eta suspertuko da; edo, izurrite bat bada, botika eman eta akabatuko dugu. Ar eta eme, agronomoen artean Miss Moztare diploma banatzeko zailtasun handirik ez litzateke izango. Nekazaritza kapitalista edo industriala lantzen dutenak ere jabetzen ari dira. Gero eta begi bistakoagoa da: sistema osoetan pentsatu behar dugu. Lur baten analisi kimikoak neurri batzuk emango dizkigu, baina gero toki eta baldintza bakoitzera egokitzen jakin behar da. Erredukzionistentzat, bizitzako prozesu biologikoak kimika soilera eraman daitezke, eta kimika fisikak esplikatzen du. Iraultza berdea deitu zitzaion lehengo mendean: pestizida eta "ongarri" sintetiko kimikoak erabiliz munduko gosea amaituko zela zioten. Baina, irtenbide sinpleak erabiltzen direnean, ez dira lortzen bilatutako emaitzak, eta prozedura horrek berak garamatza gero eta baliabide konplexuagoak erabiltzera. Denbora. Beste aldeko muturrean dago holistika: sistemek multzo gisara funtzionatzen dute, eta ez dira bere osagaien batuketa soila. Lurra ulertzeko izugarrizko urratsa da. Lurra sistema izugarri konplexua da, eta konplexutasun horrek berak ematen dion bizitza eta bizitasuna dira landareen eta gainontzeko bizidunon oinarria. Izan ere, Lurrean dago lurra, eta Lurra ez da planeta bakartu bat, sistema oso konplexu baten parte da. Landareek lurrean duten bizimodua sistema horretan garatzen da. Landareek lurra behar dute, baina baita zerua ere. Zeru guztia, atmosfera, eguzkia, ilargia, eta abar osoa. Horri deitzen zaio "biodinamika". Herenegun arte, iraultza berde haren babesle eta ekologikoaren aurkari itsu zen zientzialari mordoa, gaur dakitena jakinda, ekologikoaren kontsumitzaile dira. Horietako batzuk, gaur egun, nekazaritza biodinamikoa iraintzeraino lotsagabetzen dira. Eman eman denbora.
news
argia-23127ed19a3c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/oxycontin-epidemia-aebetan-gure-medikuak-bihurtu-gaitu-jonki.html
'OxyContin' epidemia AEBetan: gure medikuak bihurtu gaitu jonki
unknown
2018-02-25 00:00:00
'OxyContin' epidemia AEBetan: gure medikuak bihurtu gaitu jonki Droga epidemia berriaren biktimak ez dira ghetto txiroetako gazte baztertuak. Oraingoan eltxoak pozoiarekin bezain ugari erortzen direnak dira langileria eta klase ertain zuriko seme-alabak, auzo estandarretakoak, etxe txiki baten eta bi autoren jabe diren gurasoak, zaharrak bezala gazteak. Edozein klasetako oinazeri aurre egiteko agintarien bezala medikuen establishmentaren bedeinkapen oroz OxyContin opiazeoa hartzetik abiatuta jonki amaitu dutenak. "Nire gamelua egunaren 24 orduetan etor zitekeen, astearen zazpi egunetan. Neu ninduen bezero onena. Mezua bidali egin zidan errehabilitazioan sartuta nengoenean, material gehiago bazeukala". Dealerrak prezio merkeagoa eskaini zion, berriro eroriko zelakoan, baina Nan Goldinek uko egiteko indarra atera zuen , ohartuta drogaren katea eteten ez bazuen denbora gutxiko bizia zeukala. Goldin argazkilari ezaguna egin zen 70eko eta 80ko hamarkadetako New Yorkeko giro alternatiboetan. Orduan egin behar izan zuen lehenbiziko errehabilitazioa garaiko estupefaziente ohikoenetatik garbitzeko. Gaur nozitzen dituen monoak , ordea, ordenaren maitale diren enpresaburu eta medikuek eragin dizkiote, Joanna Walters kazetariari kontatu dionez. 2014an Berlingo mediku batek gomendatu zion OxyContin ezkerreko eskumuturreko tendinitisa arintzeko. "Lehenbizikoz errezetatu zidaten 40 miligramo hartzea eta izugarri eragin zidan, goragaleak, makalaldia. Denborarekin, ordea, egunean 450 mg behar nituen". Tarteka pilula hauts bihurtuta esnifatu ere egiten zuen. New Yorkera itzulita medikuek ukatu ziotenean errezeta, merkatu beltzera jo zuen, OxyContin bila baina baita beste droga merkeagoen xerka ere, diruz estu zebilenean. Massachusettseko errehabilitazio zentrotik iazko martxoan irtenda, OxyContin en inguruko informazioen bila hasita ohartu zen erabat legezkoa den botika hori dela AEBetan azken 20 urteotan zabaldu den opiazeoen krisiaren errudun nagusia. Drogen epidemia berriak dagoenekoz 200.000 pertsona baino gehiago hil ditu AEBetan. Larriagorik ere jakin zuen, ordea, betidanik arte munduan mugitu den Goldinek: OxyContin marketin estrategia bihotz gabeenak erabiliz medikuen eta jendeen artean nagusitzea lortu duen Purdue konpainia Sackler familiarena dela , New Yorketik Londresera, Guggenheim, MET eta artearen beste tenpluetan atal ospetsuen  babesle diren Sackler filantropoena. "Ez dakit nola bizi daitezkeen beren larruaren barruan". The New Yorker kazetaren joan den urriko alean Patrick Radden Keefek dossier mamitsua eskaini zion Sackler familiari: " Oinazezko inperio bat eraiki zuen familia ". Bigarren titulua: "Sackler dinastiak beren analgesikoaren erruki gabeko marketinarekin sortu ditu milaka milioiko etekinak... eta milioika drogen menpeko". Arthur, Mortimer eta Raymond Sackler –hirurak hilak, azkena iaz– mediku eta enpresaburuek AEBetako fortuna handienetako bat pilatu zuten, 13.000 milioi dolar Forbes en kalkuluetan, Rockefellertarrena baino altxor handiagoa. "Sacklertarrak sarri elkarrizketatu zituzten bere filantropiazko lanez, baina publikoki oso gutxitan aipatu zuten   aberastu zituen negozioa: hiruren familiena den Purdue Pharma , OxyContin analgesikoa 1995ean garatu zuena". Medikuntzako establishment guztiak egin zion ongi etorri beroa OxyContini , oinaze erdi mailako eta gogorrak dauzkaten gaixoentzako botika txit egokia zelakoan, bere ahalmen narkotikoak pixkanaka askatuz luzeago iraun arazten zituela eta. 35.000 milioi euroko etekinak emango zizkion Purdueri. OxyContin en molekula oxykodona da, heroinaren lehengusua kimikaz eta morfina baino bi aldiz indartsuagoa. Iraganean medikuek nekez gomendatzen zuten opiazeorik –opiotik eratorritako droga sintetikoak– ez bazen minbizien oinaze handientzako edo heriotzaren mugakoentzako, botikok menpekotasuna eragiten dutelako. Medikuak izateaz gain gaztetatik marketinean trebatutako Sacklertarren gakoa izan da doktoreen fidagaiztasuna gainditzen asmatzea. Eta farmazietatik hedatu zen izurritea Purdue konpainia OxyContin merkaturatzeko marketin kanpainarekin medikuen ohiturak aldatzen ahalegindu zen. Aditu famatuak erosi zituen espreski prestatutako ikerlanekin iradoki zezaten botika berriak klase askotako oinazeak arintzeaz gain aparteko adikzio arazorik ez zuela sortzen, ordura arteko azterketetan opiazeoen menpetze ahalmena esajeratu egin zela. Milioika gaixok eskertuko zuten OxyContin ek hobetzea bizi kalitatea, baina beste asko hain zeuden hari kateatuak ezen eta dosi batetik bestera arteko tarteetan ere abstinentzia latza nozitzen zuten. OxyContin merkaturatuta laster hasi ziren albiste kezkagarriak zabaltzen, leku askotan  ugaritzen ari zirela botikaren erabilera okerrak. Medikuek gero eta sintoma gehiagorentzako errezetatzen zutenez, gaixo batzuk hasi ziren beren pilulak merkatu beltzean saltzen. Alderantzizkoa ere gero eta sarriago gertatzen zen, OxyContin -en menpean erori ostean hura eskuratu ezinda bestelako opiazeoetara jotzea, heroinara bidenabar. 2003rako DEA Drogen Aurkako Agentziak salatu zuen arren Purduek botikarekin egindako marketin erasokorra zegoela epidemia berriaren oinarrian, uholdea gelditzeko modurik ez da izan, hainbeste zabalduta dago medikuen bezala gaixoen artean modako narkotikoarekiko lotura. AEBetako Adikzioentzako Medikuntza Elkartearen kalkuluetan, gaur heroina kontsumitzen duten bost pertsonatatik lau medikuek errezetatutako analgesikoekin hasi ziren. Eta sarraskiak aurrera darrai. Gaur egunero han 145 pertsona hiltzen dira opiazeoen gaindosiz; orotara 200.000 heriotza aipatzen dituzte kalkulu ofizialek. Opiazeoetatik zintzilik 2,4 milioi iparramerikar daude. Opiazeoen merkatua eten gabe aldatzen da. Le Monde Diplomatique n Maxime Robinek azaldu duenez, azken urteotan opiazeo erabat sintetikoak nagusitu dira, Fentaniloa eta Carfentaniloa. Txinatik askoz merkeago ekarriak, inongo landarerik erein eta uztatu beharrik gabe laborategietan ekoizten direlako, askoz bortitzagoak dira heroina edo morfina bera baino: esatearekin hiru miligramo Fentanyl aski direla gizaki bat hiltzeko... Gaindosiagatiko azken kasu gehienak horiei omen dagozkie, tartean Prince kantariarena eta, berrikitan bere familiak jakinarazi duenez, Tom Pettirena: biak ere, ez kasualitatez, medikuak errezetatuko OxyContinetik abiatuak ziren. 2003an Barry Meierrek salatua zuen gaia " Analgesikoa: 'botika zoragarri' baten adikzio eta heriotzazko arrastoa " liburuan. 15 urte geroago AEBetan denen ahotan dabil OxyContin krisia, Europan ere erreplikaren bat izango duena. Ez da azkena izango, farma-industriak teknika berarekin darraielako beste hainbat botika berri sortu eta saltzen: konpainiek erositako ikerlari eta medikuek gomendatutaz gero, herritarrek begi itsuan onartzen dituzte  erremedio berri eta garestienak.
news
argia-176805100865
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/gizonak-bezalako-sheriffa.html
Gizonak bezalako sheriffa
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-02-25 00:00:00
Gizonak bezalako sheriffa Ingalaterra, 1215. Bouvineseko guduko porrotaren ondoren, Joan I. Ingalaterrakoa, Joan Lurgabea ezizenez ezaguna, sorterrira itzuli zen, baina menpekoek ez zioten harrera onik egin. Eta erregearen kontrako jarrera areagotu egin zen zerga bidegabe bat –beste bat– ezarri zuenean. Ekainean nobleek Magna Carta dokumentua sinatu zezan lortu zuten; Ingalaterrako erregearen boterea mugatzen duen dokumentu zaharrena da. Baina irailean Aita Santuak gutuna bertan behera uztea lortu zuen Joanek. 1216ko lehen hilabetetan noble erreboltariek Rochester eta Londres hartu zituzten, eta Frantziako tronuko oinordeko Luisi Ingalaterrako koroa eskaini zioten. Joani aldeko hiru gotorleku besterik ez zitzaizkion geratzen: Windsor, Dover eta Lincoln. Azken horretan emakume bat zegoen gazteluzain: Nicholaa de la Haye. 1150 eta 1156 urteen artean jaio zen Nicholaa. Aita Richard de la Haye zaldun normandiarra zuen, Lincolneko gaztelujauna, eta hura hildakoan, gaztelua defendatzea egokitu zitzaion alabari. 1191n gaztelua eraso zutenean, adibidez, Richard de Devizes kronikalari garaikideak jaso zuenez, Nicholaak "emakumea ez balitz bezala pentsatuz, gizonek bezala defendatu zuen Lincolneko gaztelua". Magna Carta ren prozesuan ere nabarmendu zen. Joan erregearen aurkakoek gaztelua setiatu zuten 1215ean, baina Nicholaak errenditu gabe eutsi zion eta erreboltarien buru Gilbert de Ganterekin su-etena sinatzea lortu zuen. 1216an Joanek gaztelua bisitatu zuenean, gazteluko andereak esan zion bere adinean ez zela gai kargua behar bezala betetzeko eta gazteluko giltzak eskaini zizkion; erregeak, ordea, karguan berretsi zuen. Eta ez hori bakarrik; urte bereko urriaren 19an hil zen Joan Lurgabea , baina hil baino lehen Lincolnshireko sheriff izendatu zuen de la Haye. Emakumeak bezalako heriotza Joanen oinordeko Henrike III.ak 9 urte zituen koroa jantzi zuenean. William Marshal noblearen laguntza izanagatik, aurkakoak agintari berriaren ahuldadeaz baliatu ziren; noble erreboltariek, Luis frantziar erregegaiaren armadarekin bat eginda, Ingalaterrako gotorlekurik garrantzitsuenetakoa eraso zuten berriro: Lincoln. Gazteluzainak, ohi bezala, gogor eutsi zion, baina errefortzuak beharko zituen setioa gainditzeko. 1217ko maiatzaren 20an erregearen babesle William Marshalek setiatzaileak eraso zituen kanpotik, Nicholaa de la Hayek barrutik, eta garaipena lortu zuten. Hori eta Sandwicheko itsas guduan lortutako garaipena nahikoak izan ziren Henrike III.a tronuan indartu eta Frantziako nahiz bertako oposizioa uxatzeko. Henrike III.aren aldekoek laudorioak eskaini zizkioten emakume gazteluzainari, baina beste guztia kendu. Lincolneko garaipena lortu eta lau egunera, sheriff kargua kendu zioten erregearen osaba Salisburyko kondeari emateko. Kondeak, nonbait, ez zuen nahikoa horrekin eta de la Hayeren lurrak eta gaztelua ere nahi zituen. Beste 9 urte eman zituen Nicholaak gotorlekua defendatzen, baina ez zuen berriro errefortzurik ez laudoriorik izan. 1226an amore eman zuen eta handik lau urtera hil zen.
news
argia-3e46408a2c32
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/jon-sarasua-garabide-elkarteko-kidea.html
"Europan denek kooperaziorako proiektuak finantzatzen badituzte ere, inor ez da ari hizkuntza lankidetzan"
Miel Anjel Elustondo
2018-02-25 00:00:00
"Europan denek kooperaziorako proiektuak finantzatzen badituzte ere, inor ez da ari hizkuntza lankidetzan" Euskarak bizi duen korapiloa kontu unibertsala dela dio Jon Sarasuak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1966). Unibertsitateko idazlea, irakaslea eta hizkuntza lankidetza xede duen Garabide elkarteko kidea da. Hizkuntzen biziberritzeaz bezainbatean, munduko hizkuntzen plazan euskarak zer irakatsi eta zer ikasi franko duela dio. Hizkuntza lankidetza, aski gauza etereoa, askoren ustez. Ideia azaltzen ez da zaila. Ibilbide bat badugu egina Euskal Herrian, hizkuntza berritzeko lanean. Horrek, beste aurpegi bat ere badu, hau da, nazioartekoa, kanpoko beste zenbait esperientziarekiko loturarena. Garapenerako kooperazioa ulertzeko modu jakin bat lotu dakioke horri, asistentzialismotik urruntzen dena, hemendik hara dirua bidaltzeaz ari ez dena, kooperazio modu horren argi-ilunetan sartu gabe esanda, errespetuz. Hizkuntza lankidetza jakintza-fluxuak sortzetik abiatzen da. Egoera asimetrikoak bizi baditugu ere, ezagutza eta esperientzia partekatzetik abiatzen da kooperazio hau. Munduko herriei begira jarriz gero, hizkuntzen gainbehera handia gertatzen ari da, kontinente guztietan ere. Hizkuntza horietako batzuetan galdezka ari dira, galga non jarri, biziberritzeko prozesua nondik hasi… Komunitate horietako batzuek gobernu mailako boterea dute, beste batzuek ez, eta galdekizun zehatzak eginez hurbildu izan zaizkigu, ikastolak nola sortu genituen, hizkuntza estandarraren gaineko eztabaidak nola bideratu genituen, helduen euskalduntzea nola abiarazi genuen, interneten zertan garen, eta beste, jakin nahirik. Garabideren intuizioa horixe izan zen, lankidetzarako lan-arloa zegoela. Hizkuntza lankidetza ez da aintzat hartzen. Lankidetzaren lerro nagusia ekonomiari lotua izan da, pobrezia sozioekonomikoari kontra egitea, eskolak jasotzea, errepideak egitea… Herri horiek badituzte bestelako ametsak ere, hizkuntzaren biziberritzeari lotutakoak, eta lankidetza bultzatzekotan hortik ere jo beharko genuke, beraiek ideiak eskatzen ari baitira. Bestalde, herri moduan nazioarteko garapeneko politika bat izan behar badugu, ondo legoke geure buruari galdetzea zer garapen politika landu beharko genukeen, zer dugun partekatzeko dena delako herri horiekin, zertan aberats dezakegun elkar. Galdera egin orduko dator erantzun bat ere: euskararen biziberritzean egin dugun bide herrena partekatzea, besteak beste. Uste dugu kooperazio politika batek galdera hori egin behar duela. Jaurlaritzak, diputazioek, udalek… ehunka proiektu laguntzen dituzte diruz Latinoamerikan eta bestetan. Eta diru asko da. Lankidetza horren atal bat hizkuntza lankidetzatik bideratu beharko litzatekeela uste dugu, Europa osoan denek kooperaziorako proiektuak finantzatzen badituzte ere, inor ez delako ari lankidetza mota honetan. Kooperazio sozioekonomikoan milaka agentzia eta GKE ari dira. Hizkuntzak biziberritzeko esperientziak partekatzen, inor ez. Horretan hasi da Garabide. Hala ere, aitortu behar da egiten dugun apurra tanta bat dela itsasoan. Hizkuntzen galera-erritmoa, une honetan, itzela da. Hizkuntza lankidetzan ari zaretela, zer partekatzen duzue, zuzen? Hasteko, ikasi. Egon, entzun, ezagutu. Urteak behar dira entzuten eta ulertzen, leku bakoitzean bere koloreak ditu egoerak. Partekatzeko daukaguna da euskararen 60 urteko astinaldi-aro hau, bere sakoneko egitura eta adarrak. Euskararen biziberritze prozesuaren hasierak, estrategiak, lorpenak, mugak eta porrotak. Corpusean, hezkuntzan, hedabideetan, helduen alfabetatzean, kultur sorkuntzan, enpresen euskalduntzean, administrazioan eta familia transmisioan eta abarretan dauden galdegaiak. Urrian izan duguna bezalako ikastaldian, adibidez egun batean goaz Goiena komunikazio taldea zertan ari den ikustera, eta hurrengoan orain dela hiru urte sortutako Biriatuko ikastolako gela bisitatzera eta hango guraso-irakasleekin goiza pasatzera. Gure gauza txiki, handi eta ertainak, ikasketa-metodo zirkular baten barruan. Kontua ez da euskararen bidea eredu hartzea. Gauza hauetan ez dago eredurik, eta herri bakoitzaren bidea errepikaezina da. Esan dezagun inspirazioak sortzen direla. Laburbilduz, minbiziaren aurkako terapia esperimental bat partekatzen ari gara, hau da, gure hiztun-komunitateak azkeneko urteetan egin duen bidea. Besterik da gu geu minbizia gainditzen ari garen edo ez, gure arteko debatea da hori. Minbiziak jota dauden eta terapia arloan pista bila datozkigun beste zenbait komunitaterekin partekatzen dugu egin dugun bidea. "Haiek ez dira gu bezain hizkuntza-zentrista. Hizkuntza aurrera atera nahian kulturaren beste hainbat arlo bazterrera utzi ditugula diote". Argazkia: Garabide. Minbizi hitza aditu eta ikaratu egin ohi gara. Zer gaitzekin egin liteke analogia hizkuntza minorizatuen iraungitze honetan? Galdera egin izan dugu truke-lan honetan. Datozkigun komunitate askok bizi duten arazoaren larria bistaratzen laguntzen digu. Gainbehera handia da, baina, bestalde, paradoxa ere bada, gobernuak inoiz baino gehiago ari baitira esanez hizkuntza indigenok legez babestuta daudela. Eta egia da, komatxo artean bada ere, legez babestuta daude, inoiz ez bezala, herrialde indigena zenbaitetan hezkuntza elebidunak 30 urte bete ditu… Azken 30 urteetan izan dute, adibidez kontinente amerindiarreko hizkuntzek, azken mendeetako lege-babesik handiena, aldekotasun diskurtsiborik handiena, inoiz baino "gauza gehiago" egiten ari dira, eta aldi berean, galera inoiz baino handiagoa da. Paradoxa hau ulertzea ez da zaila, baina bere barrunbeak miatzea da kontua. Diagnostiko gordina egitea da lehen pausoa. Trukea du oinarri Garabidek. Zer jasotzen du zuen erakundeak hiztun komunitate indigenetatik? Haiek ez dira gu bezain hizkuntzazentrista. Kultur fluxu handiago baten barruan kokatzen dute hizkuntza. Horretan interpelatzen gaituzte, aipatzen baitute hizkuntza aurrera atera nahian kulturaren beste hainbat arlo bazterrera utzi ditugula. Beste alde batetik, haiekin egonda ahaleginaren espiritua berritzen zaigu, hemen batzuetan nahiko behea jota dagoen gogoa. Haien begiratuak, bestetik, geure buruak esplikatzera behartzen gaitu, eta, esaterako, nik neuk hobeto ulertzen dut euskararen bidea, hona datozkigun indigenei esker. Haien aurrean agertzeko, informazioa birformulatu eta birrulertu behar izan dugu, sintesiak egin, gure zuhaitzaren egitura eta gakoak ikertu. Ez da nire kasua bakarrik. Hemen igarotzen duten aldian, komunitate indigenetako kideek hainbat erakunde eta arlo bisitatzen dituzte, eta leku horietako solaskideek ere beren buruari buruzko begiratua doitzeko aukera dute. Eta azkenik, gu beste komunitate batzuetako inspirazio izan gaitezkeela ikusteak, eta kontaktu horretan sortzen den elektrizitateak,  ematen digu indarra guri ere komunitate moduan. Hori sumatu izan dut unibertsitateko gazteen artean, adibidez. Badu inpaktu bat hemen. Kooperazio honek era askotara elikatzen gaituela uste dut, edo hori sentitzen dugu honetan ari garenok. Hamar urte baino gehiago lanean Garabide, ikusi duzue zuen lanaren ondoriorik? Kooperazioan apur bat jarduna naiz Garabide baino lehen ere, eta egia esan, gutxitan ikusi dut hizkuntza lankidetzan bezainbesteko inpaktu azkarra. Dena dela, inpaktu hori oso gauza erlatiboa da, ereitetik asko dauka honek. Formazioan, adibidez, hona datozkigunak beren herrialdera itzuli, lanean jardun eta hemendik hamar edo hogei urtera zein uzta etorriko den, auskalo. Erlatibizazio horren barruan, adibide batzuk jartzearren, Ekuadorren, esate baterako, hizkuntzen legea onartuko dela dirudi, lehen aldiz. Eta legea bere horretan onartzen bada, Latinoamerikako hizkuntza legerik ausartena edo eragileena izateko formulazioa du. Lege hori hemen formazioa jasotako baten burugogorkeriak bultzatu du, Ekuadorreko parlamentuko kideengana joz eta temoso saiatuta, Euskal Herrian jasotako astinduagatik berak dioenez. Edo maputxeen artean gertatzen ari diren gauza batzuen ernamuina, edo Mexikoko Cuetzalango nahuatlen murgiltze eredua, edo hango kooperatiba mugimenduko enpresa komunitarioetan urratu litekeen erabilera-plana, ziurrenik kontinentean lehenbizikoa, edo Kolonbiako Caucako biziberritze prozesu integral xamar baten hasiera… Bistakoa da eragina. Erreserba askorekin diogu. Ez dakigu ekimen horiek nora iritsiko diren, eta ez dago esaterik ere: "Hau guregatik da!". Baliabide batzuk erabiltzen ditugu, eta badagokigu gure ahaleginen inpaktua apur bat ebaluatzea ere. Ematen du baietz, merezi duela, hango hainbat aurrerapen txikiren ernamuinean baitago Garabideren lana. Egia esan, gure kezka da hizkuntza lankidetza kalitatez egitea, ondo egitea, ez egitea bakarrik. Erraza da hitzarmen halako bat sinatzea, harreman bat egitea. Aldiz, urteak behar dira problematikak behar bezala ulertzeko, jakintza landu behar da, asko entzun eta behartu behar da, konfiantza eman eta irabazi behar da, arriskutsua da aholkuak erraz ematea.
news
argia-04f4d622c395
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/leterenak.html
Leterenak
Jon Alonso
2018-02-25 00:00:00
Leterenak Robert Lowell (1917-1967), poeta estatubatuar bat izan zen. Amerikako Estatu Batuetako Liburuaren Sari Nazionala ( National Book Award, 1960, Life Studie s obrarengatik) eta Pulitzer Saria, poesian (1947an eta 1974an), irabazi zituen. Bakezalea zelako zaigu ezaguna: kontzientzia arrazoiak alegatu zituen II. Munduko Gerrara ez joateko (eta kartzelara joan zen aldi batez), eta Vietnamgo gerraren aurka idatzi zuen. 1960an, hau da, sari inportante hura jaso berri, Imitations liburua argitaratu zuen. Liburu hartan, Homero, Safo, Villon, Leopardi, Rilke, Pasternak, Baudelaire eta Rimbaud "itzuli" zituen, eta komillak erabili ditugu zeren (Lowellen hitzak dira), "ingelesera biziaz idazten saiatu naiz, nire autoreek, gaur egun eta Ameriketan bizi izatera, agian egingo zuketena egiten saiatuz". Kritikak inolako eragozpenik gabe hartu zuen Imitations , eta inork ez zuen ezbaian jarri lanaren originaltasuna. Ezaguna da horrek, eta horrek bezalakoek, agerian jartzen duten paradoxa: Lowellek egin zuen hori bera Periko Smithek egin izan balu (eta harrapatu izan balute), orduan zer? Erantzuna ere ezaguna da: Periko Smith plagiatzaileentzako sutean erreko zuketen. Eztabaida, literaturari dagokionez, hor kokatzen da: zergatik manipulatu dezake (itzuli, kopiatu) idazle aitortu batek literatur tradizioa, arazorik gabe, eta ezezagun batek egiten badu, aldiz, zigor kodea aplikatzen diote? Bernardo Atxagaren plagiatzeko metodo famatuan ere, "izen pixka bat izatea" zen arauetako bat. Eztabaida ezaguna da eta denetariko iritziak daude. Eztabaida, literaturari dagokionez, hor kokatzen da: zergatik manipulatu dezake idazle aitortu batek literatur tradizioa, arazorik gabe, eta ezezagun batek egiten badu, aldiz, zigor kodea aplikatzen diote? Ordea, Lowellek ez zuen ezkutatu maite zituen poetak itzultzen ari zelakoa, eta idazle moduan zeukan eskumena erabili zuen argi eta garbi. Idazleek usu erabili dute beren eskumen edo pribilejio hori era probokatzailean, eztabaidak pizteko, kontraesanak azpimarratzeko, inori arpa jotzeko… Ez dirudi horrelakoa zenik Xabier Leteren asmoa. Nekez epaituko dut nik zein zen asmo hori, baina konforme egongo zarete nirekin, gure ezjakintasunaz barre egitea edo eztabaida piztea izan bazen, kale egin zuela, zeharo. Orduan? Zergatik jokatu zuen Letek Periko Smith balitz bezala? Horixe da eztabaida, jada literarioa ez dena, bestelakoa baizik… Morala, ausaz? Baina kontuz, hildakoez gaizki esaka aritzea oso itsusia omen da, eta isil nadin. Beraz, hildakoen gainean gaizki esaka aritzerik ez denez, bizien gainean gaizki esaka aritzera pasatuko naiz; status quo-aren zarta jotzaile horien guztien gainean, salatuaz gogoeta egin ordez, salatzailearen aurka aritu diren horien gainean. Neoliberalismoa ez da nagusitzen konplizerik gabe, literaturan ere ez.
news
argia-336271c31781
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/udako-asteazken-bat.html
Udako asteazken bat
Irati Majuelo Itoiz
2018-02-25 00:00:00
Udako asteazken bat Nøgen taldearen kontzertu akustikoaren kronika. Iruñeko Herriko Tabernan, otsailaren 7an. Azkenaldian, asteazkenetan Iruñea izoztu egiten da. Beno, asteazkenetan, eta baita astelehenetik igandera doazen egun guztietan ere. Azken egunetan ere tenperaturak zerora heldu ezinik ibili dira, elurra egin nahi eta ezinean. Ez da, beraz, asteazkenero antolatzen diren HerrikON kontzertuen errua, Iruñea horren hotz egote hori. Baina bai, asteazkenek badute xarma berezia Herriko Tabernan, nolabaiteko giro aurreikusezin bat. Astero-astero joanda ere, ez dago inoiz jakiterik esertzeko tokirik izanen duzun edota kontzertu pribatu batez gozatzeko aukera. Hala, hirian talde guztiz ezezaguna izanda ere, aurpegia gorrituriko entzule ausartez bete zen taberna. Elur xiri-miriarekin batera heldu zen Nøgen Karmen kalera. Argazkia: Rubén García. "Biluzik" omen da taldearen izenaren esanahia danieraz, eta biluzik agertu zen boskotea publikoaren aurrean. Utz nazazu ibiltzen arropa zaharretan, utz nazazu berpizten erreka estuetan aitortu ziguten lehen kantuan, haiek biluzten joan ahala gure gorputzetako hotza goxatu nahiko balute bezala. Eta hala izan zen, formatu akustikoan, folk-indie estiloko abesti alaiak goxotasunez aurkeztu baitzizkiguten entzuleoi. LYS , haien lehenengo EP laburraz gain, prestatzen dabiltzan diskoko kantuak entzun ahal izan genituen, baita jendaurrean lehen aldiz estreinatu zuten abestia ere. Bertsioak entzuteko aukera ere egon zen, Kansas City ederraren euskarazko aldaera, esaterako. Ez dut aurretik aipatu, baina Jone Laspiur izan zen abeslari Iruñeko kontzertuan. Aurreko abeslaria, Ane Negueruela, kanpoan da eta bitartean Jone taldera batu da. Harrituta utzi gintuen bere ahots sendoak, akustikoan goxo eta hurbil abestu arren, nahi duenean indarra soberan duela erakutsi baitzuen. Argazkia: Rubén García. Doinu arin eta alaiek uda girora eraman gintuzten oharkabean, otsaileko asteazken bat zela ahanzteraino. Kantuetan tartekatutako ingelesezko hitzek eta ukelelearen erritmoek beste leku eta garai bat gogorarazten zuten, Kaliforniako hondartza batean egonen bagina bezala, oinutsik eta axolagabe. Kanpoko hotzak ahaztuta, guztiz biluztu ziren donostiarrak gure aurrean, mikrofonorik erabili gabe ari baitziren kantuan konturatu ginenerako. Taldekide guztien ahotsen artean egiten zituzten jolasek haien arteko konplizitatea eta rollo ona transmititzen ziguten entzuleoi, estribilloak abesten saiatzen ginen bitartean. Amaierarako utzi zituzten taldearen abesti ezagunenak: Gertu, konposatu zuten lehenengo kanta, eta Nora , taldearen single a. Estribilloa oraindik airean zela hustu zuten oholtza eta, ez dut gezurrik esanen, berriz ere entzuteko gogoz geratu ginen. Nøgenek oparitutako udako arropa zaharrak jantzi eta kalera irten ginen gu, neguko asteazkenei apur bat alaiago aurre egitera.
news
argia-5b34c6310987
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/telleria-eta-gero-zer-liburuari-buruzko-polemika.html
Nork hil nahi du euskarazko nobela beltza Baztanen?
Gorka Bereziartua Mitxelena
2018-02-25 00:00:00
Nork hil nahi du euskarazko nobela beltza Baztanen? Fikziozko liburu bati buruz solasean aritu ziren Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean otsailaren 6an, ordu eta hogei minutuz, tarteka tentsio handiz. Egoera bitxia eragin du UPNk, Lekarozko institutuko DBH4ko ikasleek irakurri duten eleberri bat jo-puntuan jarriz. Ernesto Prat Urzainkiren Telleria eta gero, zer? (Elkar, 2017) da nobela, genero beltzekoa, eta eskuin erregionalistak salatu du zentroko irakasleek "jarrera ideologiko eta politiko batzuk inposatzeko" erabili dutela. Baina kasua aztertzen hasita, beste pista batzuk aurkitu ditugu: bailaran egin nahi duten operazio urbanistiko bat eta, agian, haren konplize izan daitekeen erdarazko nobela-sorta arrakastatsu bat. Hau erreportaje bat da, ez da nobela beltza, baina hala ere baditu bere trama eta pertsonaiak. Lehenbizikoa, Lekarozko institutuko ikasle baten ama, UPNko zinegotzia ere badena: Isabel Olave. Zentroko zuzendariarekin bildu zen bi aldiz Gabonen aurretik, Telleria eta gero, zer? ikasketa-programan sartu izanari buruz argibideak nahi zituen. Zuzendariak azaldu zion zentroko euskara departamenduaren erabakia zela, ea sail horrekin bildu nahi zuen. Olavek ezetz. Eta orduan hasi zen UPN Iruñetik liburuari buruzko azalpenak eskatzen. Ondoren etorri da parlamentuko agerraldia. Azkenik, urtarrilaren 14an, Olavek Diario de Navarra -n artikulua publikatu du salatuz eleberriak Lekarozko Aroztegia proiektu urbanistikoaren "bertsio nobelatu eta partzial bat" eskaintzen duela, "haren bultzatzaileak eta kargu politikoak aipatuz eta iseka eginez". Aroztegia jauregiko proiektu urbanistikoak polemika eragin du Baztanen. Baina literaturak ihes egin behar al dio horri? Gertatu denarekin harrituta dago institutuko Euskara Departamenduko burua den Kristina Fernandez Perez. Istorio honetako beste pertsonaia bat. Istorio honi buruzko beste ikuspegi bat: esplikatu duenez, kurtso hasieran guraso guztiei bidali zitzaien ikasturteko programazioa, irailetik zekiten Telleria eta gero, zer? irakurgaien artean zegoela; eta gurasoek onartu egin zuten programazio hori. "Gure asmoa ez zen inor mintzea", adierazi du. Gaia politikoki erabili dutela uste du eta beste hainbeste adierazi dute otsail hasieran Mendaur DBHI, Elizondo Lanbide Eskola IIP eta Lekaroz BHIko klaustroek Berria -n eta Diario de Noticias -en argitaratu den artikulu batean , zeinean onartezintzat jo duten gaia lekuz kanpo ateraz irakasleen erabaki pedagogikoak auzitan jartzea.  "Aroztegiaren gaia Baztanen dago, ez du liburuak ekarri", esplikatu du Fernandezek. Eta hemen dator trama: literaturatik, irakaskuntzatik eta ika-mika politikoetatik haragoko kontuak azaleratu baititu polemikak, adibidez, baztandar askoren kezka, Lekarozen luxuzko hotela, golf zelaia eta etxe berri asko egiteko planak eragina. Itzi Torresek, "Aroztegia… eta gero zer?" plataformako kideak, duela bi urte aldizkari honetan plazaratu zituen proiektuak eragin dituen zenbait galdera: "Zertara dator 340 biztanleko herri batera 226 etxebizitzako urbanizazioa, biztanle kopurua bikoizteko adina? Nor etorriko da hara bizitzera? Nola aldatuko ditu horrek soziolinguistikoki herria eta bailara? Zergatik hamaseigarren herria Baztanen 800 etxe huts baino gehiago daudenean?". Alberto Catalan (UPN): "Zergatik ez dute Dolores Redondoren trilogia gomendatzen Lekarozko institutuan?" Giro nahasia dago Aroztegiaren inguruan, baina literaturak ihes egin behar al dio problematika sozialari? Kontrakoa egin izan du nobela beltzak: genero horretako literatura gizartearen ur uherretan murgiltzen da eta handik ateratako materialak fikzionatzen ditu, kritika soziala osagai gisa erantsiz. Ikasleei eleberri beltza zer den erakustea zuten xede, hain zuzen, Lekarozko institutuan; eta gertuko adibide batek gazteak erakarri zitzakeela iruditu zitzaien. Ezagunak egiten zaizkien lekuetan dabiltza Telleria eta gero, zer? -eko pertsonaiak; gatazka aktual baten antzekoa agertzen da; eta bailarako gazteek erabiltzen duten euskararen tankera du testuak. Argudio horiekin esplikatu dio institutuak Nafarroako Hezkuntza Kontseilaritzari eleberria aukeratu izana. Gogora ekarri dute, halaber, Praten nobelaz gain Jon Arretxeren Xahmaran (Erein, 2009) eta Alberto Ladron Aranaren Piztiaren begiak (Elkar, 2012) direla irakasgai horretako beste irakurgaiak aurten, genero beltzeko liburuak horiek ere. Baztanen sustraituta dagoen tradizio literario batekin konektatzen du ikasketa-programak: esaterako, Elizondoko Mariano Izeta idazlearen Dirua galgarri (1962, Auspoa), euskarazko nobela poliziakoaren aitzindarietako bat izan zen. Gotzon Garateren Elizondoko eskutitzak (1977), Jon Bidart detektibea protagonista duen bigarren eleberria ere, Baztanen kokatua dago. Eta hari horri tiraka, 2014tik antolatzen dute bailaran (H)Ilbeltza , Euskal Nobela Beltzaren Astea. Aurtengo edizioa urtarrilaren 15etik 21era egin dute eta urtez urte fama hartzen ari da, Euskal Herri osoko idazle esanguratsuak eta nobela beltzaren zaleak erakarriz. Eta hor dago istorioaren korapiloa. Alberto Catalan UPNko bozeramaileak, parlamentuan gaiaz eztabaidatu zenean, adierazpen susmagarria egin zuen: "Baztango nobela beltzari buruz hitz egiten da. Bai, noski. Zergatik ez da Dolores Redondoren trilogia gomendatzen? Hori ere Baztanen girotua dago eta eragiten ari da jende asko Baztanera joatea, hiru nobelak gertatzen diren lekuak ezagutzera". Badirudi eskuin erregionalistak badituela lehentasun literarioak: Redondoren liburuak bai, euskal nobela beltzik ez. Azken paragraforaino ez da detektiberik azaldu istorio honetan, baina hara, hemen dator lasterka, edizioa itxi aurretik pista garrantzitsu bat eman behar digula esanez: "Dolores Redondori buruzko informazioaren bila aritu nauk eta aurkitu diat elkarrizketa bat …", arnasa hartzeko eten du solasa; "… TVEko Página Dos programan egin ziotean", erantsi du, eta pantaila jarri digu muturren aurrean: eserita agertzen da Redondo paraje bukoliko baten erdian, aurkezlea parean duela. Bien atzean, eraikin bat. "Palacio de Arozteguia, Lekaroz" , zehazten du grafismoak. "Honek dena esplikatzen dik", dio detektibeak. Zer esan nahi duen galdetu diogu. "Joder, ba argi zagok: Aroztegiko operazioa errazago pasatzen duk fenomeno kultural batekin justifikatuta. Baina klaro, horretarako Baztan idiliko bat behar ditek, Basajaun, Tartalo eta kapitaleko turistak ekartzeko gauza horiek, ez proiektua kritikatzen duten nobelak. Ez al duk ikusten?". Tira, tira, hobe izango da kontua hemen uztea, konspirazio-teoria baten itxura hartu baino lehen. "Hik ikusiko duk. Baina uste nian nobela beltzaz ari ginela: batzuetan errealitateak fikzioaren bidez agertu behar dik, zertarako kontratatu nauzue bestela?". Ez dugu jakin zer erantzun. Isiltasun deseroso baten ondoren, zigarro bat piztu du, gabardinaren lepoa jaso; eta erredakziotik atera da, kale ilunera.
news
argia-d98238d402a3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/gorputz-ez-onartuak.html
Gorputz ez-onartuak
Leire Narbaiza Arizmendi
2018-02-25 00:00:00
Gorputz ez-onartuak Euskaldun askok Goya sarien gala adi-adi ikusi genuen Handia filmagatik. Gala hartan emakumeen eskubideen aldarria egingo zela iragarri ziguten, andreon ikusgarritasuna errebindikatu, feminismoa ahotan hartu. Baina itxurakeria baino ez zen egon; izan ere, hainbat emakumeren gorputzak izan ziren ekitaldi guztian zehar mintzagai. Andra batzuen loditasuna, hain zuzen ere. Andrazko batek aitatu zuen filma errodatutakoan baino argalago zegoela. Beste batek hirugarren bati esan zion dietista bera, eta ez oso abila, kontratatu zutela. Zuzendari sarituak beste zuzendari gizon bati erantzun bere ama harena baino argalagoa zela… Horrela, jo-puntuan beti gizenak, andrazko potoloak. Eta tristeena, sarri emakumeen ahoetatik entzun beharra. Gorputz ez-normatiboak. 90-60-90 neurriak ez dituztenak, kanon estetiko zurrunetan sartzen ez direnak. Txistea egiteko, barre egiteko. Latza da, gero, beti izatea gorputz femeninoa borroka zelaia. Gizon gizenak egon arren, inork ez zituen-eta ahotan hartu. Eskerrak Eneko Sagardoyk saria jasotzean lezioa eman ziguna, identitate ez-onartuei, eta gorputz arraroei eskaini zielako. Biba gorputz guztiak, gizen zein argal. Izan gaitezen handiak.
news
argia-4ef9089cf173
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/inperialismoaren-maskarak-erori-dira-sirian.html
Inperialismoaren maskarak erori dira Sirian
Asier Blas Mendoza
2018-02-25 00:00:00
Inperialismoaren maskarak erori dira Sirian Wesley Clark jeneralak kontatua du 1991n Paul Wolfowitzekin izan zuen elkarrizketa, politika militarrerako Defentsa idazkariordearekin. Clarkek esan zion: "Nahiko pozik egon behar duzu armadak Desert Storm operazioan izan duen portaerarekin"; (1991n AEBek Iraken aurka egin zuten erasoa izan zen). Wolfowitzen erantzuna epela izan zen: "Tira bai, baina ez, egia esan Saddam Husseinez libratu behar ginen eta ez dugu egin. Halere, gauza bat ikasi dugu, gure armada erabili dezakegu Ekialde Ertainean eta sobietarrek ez gaituzte geratuko. Hurrengo superpotentzia agertu aurretik, bost eta hamar urte artean dauzkagu sobietarren bezero diren erregimenak garbitzeko: Siria, Iran eta Irak". 2001ean Clark jeneralari esan zioten zazpi herrialde hartu behar zituztela bost urtetan: Afganistan, Irak, Somalia, Sudan, Libano, Siria eta Iran. Ordurako Dick Cheney defentsa idazkariaren ondokoa zen Wolfowitz. Planak ordea, aldrebestu egin ziren. 2003ko Iraken aurkako gerra, nazioarteko legedia hautsiz Mendebaldeko herrialdeen arteko kontsentsua apurtu eta mundu osoan sekulako protestak eragin zituen gerraren aurka. AEBek estrategia berrantolatu behar izan zuten. Taktika berria 1996an Richard Perlek (defentsa idazkariordea izandakoa) gidaturiko ikerketa talde batek Benjamin Netanyahurentzat eginiko A Clean Break: A New Strategy for Securing the Realm dokumentuan agertzen da: Ekialde Hurbileko erregimenak ezegonkortzeko estrategia proposatzen zen, adibidez, era esplizituan esaten zen Israelek Siria eraso behar zuela proxyen bitartez. Delegaturiko gerraren estrategia lehenengo aldiz Libian jarri zen martxan eta ondoren Sirian. Gaur froga asko ditugu jakiteko muturreko islamistak nagusiki AEBek, Turkiak eta Israelek babestu eta armatu zituztela. ISISek aldiz, Saudi Arabiaren eta Qatarren zuzeneko laguntza izan du, eta AEBen, Israelen eta Turkiaren kolaborazioa momentu batean edo bestean Delegaturiko gerraren estrategia lehenengo aldiz Libian jarri zen martxan eta ondoren Sirian. Gaur froga asko ditugu jakiteko muturreko islamistak nagusiki AEBek, Turkiak eta Israelek babestu eta armatu zituztela. ISISek aldiz, Saudi Arabiaren eta Qatarren zuzeneko laguntza izan du, eta AEBen, Israelen eta Turkiaren kolaborazioa momentu batean edo bestean. Bestalde, nazioarteko legedia hautsiz, besteak beste, Frantzia, AEB, Israel, Turkia eta Australiak bonbardaketak egin dituzte Sirian. Damaskok akabatua zirudien, baina hor agertu ziren Iran eta batez ere, Errusia, biak nazioarteko legeak errespetatuz. Errusiaren esku-hartzeak gerraren norabidea aldatu zuen Damaskoren alde. Ondorioz, ezinbestean oinak lurrean (boots on the ground) jarri behar izan dituzte siriar gobernuko etsaiek. Une honetan hiru armada daude Siriako soberania hausten: AEB, Turkia eta Israelgoa. Hiru herrialdeek base militarrak dituzte herrialdean eta gerra operazioak egiten dituzte, argi geratuz hasieratik non dagoen Siriako gerraren iturburua: esku-hartze inperialista. Turkiak Afrineko kurduak erasotzen ditu bere ejertzitoarekin eta muturreko islamistekin, azken hauek Damaskoren aurkako gerra jarraitzen dute. Israelek ia egunero erasotzen du Siria, AEBek berriki ehun siriar soldadu baino gehiago hil dituzte eta bitartean, herrialdean bere base militarrak zabaltzen jarraitzen du kurduen laguntza eta babesarekin (10 urterako akordioa sinatu dute). Horregatik, kurduen eta iparramerikarren arteko aliantzak gutxi gorabehera, Siriako lurraldearen herena kontrolatzen du. Lur eremu horretan kurduak ez diren eskualde eta herri asko daude, baina Washingtonek begi puntuan jarri zituen ura, gasa eta petrolioa dutelako, lehengai klabeak Siria ekonomikoki ez bideragarri egiteko. Azkenean, AEBek 2003an Iraken egin zutena beste modura batera egiten ari da Sirian, baina oraingoz emaitza oso antzekoarekin: herrialde bat suntsitu du, bere lehengaiak kontrolpean hartu eta gutxienez dozena erdi bat base militar jarri ditu. Hori gutxi balitz, hori guztia egin du garai batean gerraren aurka agertu ziren askoren konplizitate aktiboarekin edo isiltasunarekin.
news
argia-36e47178fa84
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/oscar-sariak-eta-internet.html
Gezurrak, filtrazioak eta deskargak
Gaizka Izagirre
2018-02-25 00:00:00
Gezurrak, filtrazioak eta deskargak The Shape of water, The Post, Lady Bird, Three Billboards outside Ebbing, Missouri... aurtengo sari potolo guztiak irabazteko aukera gehien dauzkaten film hauek, bat-batean, modu misteriotsuan eta batzuk zinema aretoetan estreinatu ere egin gabe, Interneten azaldu dira, "doan" eskuragarri. P2P sareetan, screener ugari topa dezakegu eta dezenteko kalitatearekin gainera. Hau gertatzea ez da berria, azken urteetan errepikatzen ari den zerbait  baita. Baina, nola liteke? Nondik atera dira kopia hauek? Goazen pausoz pauso. Interneten modu ilegalean film bat deskargatzen dugun bakoitzean ikusiko zenituzten fitxategi horien izenaren ondoan CAM , TELESYNC , SCREENER , DVDRIP edo DVDScr bezalako hitzak. Deskargen munduan, fitxategiaren jatorriaren arabera, kalitate desberdinak existitzen dira eta hauek sailkatzeko jartzen dira izen horiek. CAM formatukoak, adibidez, kamera batekin zuzenean zinema aretoetan grabaturiko filmak izaten dira eta ondoren pasatzen dira formatu digitalera. Hori bai, kalitate oso eskasekoak izaten dira. Oscar sariak iritsi aurretik 6.000 lagun ingururen esku jartzen dira pelikulak, haien botoa eskuratu nahian. Baina horrek filtrazioak errazten ditu Ohikoenak, eta gaurko gaiari zuzenean loturikoak, DVD-SCREENER ( screener ) fitxategiak izaten dira. Promozioetarako erabiltzen diren DVD, Blur-ray edo (garai batean) VHS-etatik ateratzen diren kopia digitalak izaten dira. Eta hori argi izanik, hementxe agertzen zaigu pil-pilaren saltsa baina lodiagoa den gaia. Nola da posible hasieran aipatu ditudan film horien DVD-SCREENER kopiak Interneten egotea, kontuan izanik estreinatu ere egin ez direla? Alegia, nork igo ditu sarera? Akademikoen screener -ak AEBetan sarien denboraldia hasten denean, banatzaileek beraien ekoizpen guztien kopiak bidaltzen dizkiete zine-akademiako kide diren guztiei, film konkretu hori ikusi eta bozkatu ahal izateko. 1980ko hamarkadatik hona egiten den zerbait da –garai hartan, noski, VHS formatuan bidaltzen ziren–. Kalkulatzen da screener horiek 6.000 lagun ingururen eskuetara iristen direla. Estudio handiek, normala den bezala, beraien filma ahalik eta kide gehienarengana iristea nahi dute. Alde batetik, sarietan ahalik eta izendapen gehien jasotzeko eta, bestetik, noski, garaile bihur dezakeen boto magiko hori eskuratzeko. Noiz eta nola bidali ere, estrategia horren barruko gakoetako bat bilakatu da: batzuek ohikoa dena baino lehenago bidaltzen dute, udazken hasieran –hori ote da deskarga batzuk hain azkar azaltzearen arrazoia?–, sasoi horretan akademikoek, normalean, film gutxiago izaten dutelako pilatuta eta beraien lanei arreta handiagoa eskaini diezaieketelako; besteek aldiz, data gerturatzen denean, modu horretan lan horiek pantaila handian ikusteko aukera eskainiz eta alderdi teknikoak gehiago nabarmenduz. 2003tik aurrera sareko erabiltzaile batek sistematikoki aztertu ditu filmen filtrazioak Oscarren aurretik. Emaitzek ez dute zalantzarako tarterik uzten Filtrazioak Film baten 6.000 kopia baino gehiago mundu osoan bueltaka dabiltzanez, ia ezinezkoa da horietako batzuek filtraziorik ez jasatea. Akademikoek film hori ikusten duten momentuan, banatzaileek eskatzen diete kopiak suntsitzeko, bai, baina ez daukate modurik hori egin ote duten edo ez ziurtatzeko. Lan hauek guztiek "For your consideration only" bezalako mezuak izaten dituzte itsatsita normalean. Fenomeno hau aztertzeko, 2003tik hona Andy Baio izeneko tipo batek webgune bat sortu zuen. Emaitza, lotura honetan kontsultatu dezakezuen dokumentuan dago ikusgai. Bertan, estreinaldi datak ikus daitezke, screener horien bidalketak noiz izan ziren eta film horiek online azaltzen diren egun zehatzak. Adierazgarria ezta? Argi dago, bestalde, kopia horiek guztiak esku batetik bestera igarotzen diren bitartean, horrelakoak gertatzea saihestezina dela, edonork egin dezakeela kopia digital bat. Askotan aipatu izan dute familiako batek hartu ote zuen, lagun batek agian. Aitzakiak besterik ez. Alde batetik, uste dudalako guztiaren atzean interes ugari daudela. Eta bestetik, benetako borondatea izanez gero, oso erraz moztu zitekeen gai bat iruditzen zaidalako. Hollywoodeko exekutibo erraldoi horietatik hasiz, adibidez. Aitzakiak aitzaki, kontua da, pirateriaren kontrako gezi guztiak beti norabide berean jaurtitzen direla, baina kasu honetan arazoa beste aldetik datorrela. Ez duzue uste?
news
argia-03ce171062ab
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/21-urtez-emakume-nekazari-eta-artisauak-protagonista.html
21 urtez emakume nekazari eta artisauak protagonista
Garazi Zabaleta
2018-02-25 00:00:00
21 urtez emakume nekazari eta artisauak protagonista Urteak daramatzate Amorebieta-Etxanon emakume nekazari eta artisauen azoka antolatzen. 1971n hasi zuen bere ibilbidea merkatuak, eta aurtengoa XXI. edizioa izango da, martxoaren 3an. "Iniziatiba aitzindaria izan zen bere garaian emakumeen azoka", azaldu digu Berdintasun zinegotzi Alicia Hernandez Cid-ek. Martxoaren 8ko Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira antolatzen dute ekimena. Emakumeen ahalduntzea eta ikusgarritasuna helburu Herriko Berdintasun Planaren barruan kokatzen den ekimenak emakumeen ahalduntzerako erreminta izan nahi du. "Kultura nahiz gizartean emakumeen ikusgarritasuna bultzatzea ere bada azokaren helburua", gehitu du Hernandez Cidek. Izan ere, Euskal Herriko emakume ekoizleen plaza bihurtzen da Amorebieta-Etxanokoa urteko egun horretan, eurak dira protagonista nagusi eta bakar. Hasierako urteetan parte-hartzaileak batez ere herriko emakumeak baziren, urteen poderioz Euskal Herri osoko ekoizleak hurbiltzen dira. Azokako baldintza nagusia da produktu guztiak Euskal Herrian egoitza duten emakumeek ekoitziak eta salduak izatea. "Urteotako bilakaera oso positiboa izan da. Emakumeen ahalduntzea nabaria izaten ari da zenbait sektoretan, hala nola, elikagaietan, jantzigintzan edota bitxigintzan", dio Hernandez Cidek. Aldarrikapena eta festa uztartuz Martxoaren 3an Amorebieta-Etxanora hurbiltzen denak izango du zer ikusi eta zer dastatua. Ogia, ahatea, gozoak, marmeladak, etxeko hanburgesak, barazkiak, gazta eta esnekiak, bitxiak, larrua, zeramika, xaboiak, arropak, egurra, loreak, estetika produktuak. Erosketa zakua betetzeko hamaika aukera izanen ditu bisitariak. Merkatuko eskaintzaz gain, txosna gunea ere zabalduko dute antolatzaileek, eta goizean zehar ikuskizunak egonen dira: txistulariak, trikitilariak, dantzariak eta bertsolariak arituko dira giroa alaitzen.
news
argia-3bcdc32fe46a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/bestelako-zaintza-egiturak.html
Tribuan hazten
Z. Oleaga
2018-02-25 00:00:00
Tribuan hazten Bi ama, eta haien seme-alaben zaintzan inplikatuta dauden hainbat pertsona batu zaizkigu mahaiaren bueltan Hernaniko Plaza Feministan. Ezberdintasunak, asko eta askotarikoak. Abiapuntutzat, ordea, ezaugarri komun bat: lagunek lagunen haurrak zaintzen dituzte, ez familia biologiko loturarik ez dirurik tartean izan gabe. Itziar Arruarte Santa Kruz hernaniarrak  31 urte ditu. "Betidanik" desio izan du ama izatea, bikotea izan edo ez. Hiru urte eta erdi dira Peru eta Liher biki biziez erditu zenetik. Lagunen sarea du egunerokotasunerako euskarri nagusi, eta sare horren hiru hari sendo dira 31 urteko Maialen Apezetxea Lujanbio, 22 urte dituen Kattalin Artola Vazquez eta 28ko Miren Zubillaga Idarreta. Irantzu Jauregi Artola 44 urteko andoaindarra da, 5 eta 9 urteko Kima eta Arairen ama. Lehendabizikoa, Arai, lagun batekin batera izatea erabaki zuen ondo moldatuko zirela bazekitelako, "aita hemen eta presente du. Baina ez gara bikote. Kimaren aita urruti bizi da eta horrexegatik praktikan haren laguntza handirik gabe hazi beharko zuela jakinik erabaki zuen haurra izatea. Txikien amonak –Irantzuren amak–, Arairen aitak eta 59 urteko Gorka Setien Berakoetxea lagunak hartzen dute zaintzaren ardura, Irantzurekin batera. Seme-alaben zaintza nola antolatzen duzue? galderari, "inprobisatuz" erantzun dio Irantzuk, "biziraunez" Itziarrek. Elkarrizketari barre-algara partekatuarekin eman diote hasiera. Txikien joan-etorriek, jolasek eta algarek testuinguru aproposa sortu dute. "Koadrila handia gara" hasi du kontaketa Itziarrek, "jaio zirenetik laguntza handia behar izan dut, eta ikusi naute, ba, kalera atera eta bi umeak negarrez. Koadrilan ere besoetan hartu dituzten lehenengo umeak dira, eta beti daude laguntzeko prest". Maialen hasi zitzaion laguntzen, adiskidearen lan-kargaz arduratuta. Ostiralero hurbiltzen zitzaion etxera, "gaua pasatzera eta umeekin laguntzera". Mirenek, hura ikusi eta berak ere bere burua eskaintzea erabaki zuen. "Eta gero garaian garaikora joan gara egokitzen, intentsitate handiagoz aritzen ginen hasieran, orain gutxiago. Oporretara-eta elkarrekin joaten gara. Eta Itziarrek parranda egiten duenean edo zer edo zer duenean gelditzen gara, baina ez dugu astean egun bat ezarrita". Kattalin hilabetez egon zen bikiak zaintzen diru-truk, "baina hortik aurrera jada ez, ze umeekin maitemintzen zara eta...". Egun, bera da Itziarri aldizka umeak uzteko erregutzen diona. "Ni gurasoekin bizi naiz eta etxera lotara ere askotan etortzen dira, hirurok egiten dugu lo ohe berean, eta nire gurasoak ere maiteminduta daude". Gorka pixkana joan da Irantzuren alaben bizitzan eta beharretan inplikatzen. "Irantzu eta biok lagunak gara. Lehendabizikoa izan zuenean hitz egin genuen eta pixka bat lagundu nion umearekin". Bigarrena heldu zenerako, "engantxatuta" zegoen jada. Kimaz etxean erditu zenean, ondo-ondoan zuen Gorka Irantzuk. Egun, "bi orduko lanaldi kontratua daukat nik, bi umeak zaindu eta bazkaltzen emateko. Eta hortik aurrerako ordu guztiak, dezente direnak, lagun bezala laguntzen diot, eguna pasa dezaket umeekin". Astean hiru egunez egiten du lo hiruen etxean. Umeen zaintzan ez ezik, etxeko lanetan ere hartzen ditu zereginak, erosketak edo garbiketa kasu. "Alegia, dirutan ordain ezina" azpimarratu du Irantzuk. Hautu politikoa edo beharra? Hautu politikotik eta beharretik, bietatik du Irantzuk eta Itziarrek eraiki dituzten zaintza moduek. Itziarrek familiarekin aurretik hitz egin zuen. "Eskatu nuen laguntza etxean eta baietz esan zidaten". Bere amaren sostengua du, baina hasieran uste baino mugatuagoa. Ahizpek ere ume gehiago dituzte, egunak 24 ordu. Lagunekin aurretik eta argiago mintzatu ez izanaz damu da. Irantzuk, hasieratik hitz egin zuen Gorkarekin. Ama zaintzan inplikatu edo ez aspaldiko korapiloa du: "Gure ama oso umezalea da eta dituen iloba bakarrak dira. Hasieran esaten nuen 'ba, amona gabe moldatuko naiz', zeren oso kontu karka iruditzen zitzaidan. Eta ondoren pentsatu izan dut 'eta zergatik amona ez?'. Beti izan dut konfliktoa. Zer pentsa ematen dit, zergatik da aurrerakoiagoa lagunekin antolatzea amonarekin baino, bere aukera haurren zaintzan hain aktiboki parte hartzea bada?". Zaintzaileek laguna lagundu nahia izan zuten abiapuntua. Bilakaera nabarmendu dute, ordea. Batetik, lana gozamen ere bihurtzen da eta maitasunari egiten dio leku, umeak norberaren bizitzan egotea behar propio bilakatu arte. Bestetik, bizipenek, bideak berak politizatu ditu. Ideologikoki jada politikotzat zutena gorputzetik pasatzeak, beste izate bat ematen die ideiei. Gorkak horrela dio: "Ez zen nire  hautu politikoa izan, baina hala izaten bukatu du. Izan dut eboluzio bat, gauza askotaz konturatzen zara zaintza lanetan eta etxekoetan. Esaterako, ez dela posible lan hori ordaindua ez izatea. Zeren lana da, eta txiringitoak funtzionatzen du doakoa delako". Konfiantza da zaintza saretuago hauen oinarria Konfiantza da zaintza saretuago hauen oinarria. Denek ahoratzen dute, norabide eta zentzu ezberdinetan. Amek, lagunen irizpideetan duten konfiantza erabatekoa; lagunek, amengandik jasotzen dutena zein eurek erabakiak hartzeko denboraren poderioz hartutakoa. Adiskidetasuna eta laguntza boluntarioa dira zaintzaren erregaia, ez dirua. Guraso-zaintzaile hierarkia zirintzen eta familia eredua auzitan jartzen laguntzen du horrek. Zaintzen dituzten umeentzako, Miren eta Maialen "izebak" dira, Gorka, "aita-laguna" (umeek asmatutako hitza). Argazki distortsionatua Lau zaintzaileetatik bat gizonezkoa dugu erreportajean. Errealitatearekin bat ez datorren argazkia. Zaintza sareak urriak badira, are urriagoak gizonak haietan. Emakume bezala hezitakoentzako esparru naturalizatua da zaintza. Ikasketak hezkuntzan egin baditu ere, "diru-iturri bezala zaintza lanetan aritu den gizonik ez dut ezagutzen" dio Kattalinek. Eta Maialenek gehitu: "Eta ez daude prest lan hori dohainik egiteko. Gu ohituta gaude 'maitasunez' lan egitera, umeez maiteminduak gaudelako...". Zaintza sareak urriak badira, are urriagoak gizonak haietan Gutxitan aritu, eta aritzean puxtarri extrak jaso nonahitik. Ikusgarritasun mailan, errekonozimenduan... Itziarren iritziz, "badago gizonentzako plus bat, ez dagokien zer edo zer egiten ari direlako". Irantzuk bere amaren esanak aletzen ditu: "'Gorka bezalakorik ez dago'. Emakumea balitz ez luke berbera esango, gizona delako eta zaintzara eskainia dagoelako deitzen dio atentzioa". Mirenek uste du bere koadrilak baduela errekonozimendua, "baina mutilak bagina esango ligukete, 'jo, ze inplikatuak, eta ze mutil jatorrak eta...'". Maialenek osatu du esaldia: "Mutil feminista gisa hartuko gintuzkete". Aldiz, lan berberak ez du emakume bat feminista bilakatzen. Tribuaren alde Zaintzarako sareen alde, tribuaren alde egin beharra dago. Argi dute denek. Ez soilik umeentzako, baita adinduentzako edo dibertsitate funtzionalak dituzten pertsonen zaintzarako ere. Guztion elkar-zaintzarako, oro har. "Izan daitezke modu batekoak edo bestekoak, baina sareak behar ditugu" dio Irantzuk. Maialenek gehitu duen bezala, "oso autonomoak garela sinetsita gauden arren, interdependenteak" baikara. "Altzoa izateko jaio gara", ekarri du gogora Gorkak Maialen Lujanbioren bertsoa, "eta ezkerra, honetaz guztiaz ohartu ere egin gabe". Zaintzarako sareen alde, tribuaren alde egin beharra dago. Ez soilik umeentzako, baita adinduentzako edo dibertsitate funtzionalak dituzten pertsonen zaintzarako ere. Guztion elkar-zaintzarako Zailtasunak ez dira gutxi, ordea. Gure bizi-ohiturek ez dute laguntzen. Lagunen umeen zaintzari denbora bat ematea, hautua da. Eta, hautua egiteko aukera bera ere, ez du edonork. Maialenek, Mirenek, Kattalinek eta Gorkak, esaterako, ez dute seme-alaba propiorik, ez beste inoren zaintza haien kargu. Jendarte eredua ere kontrako noranzkoan ari da: komunitate naturalak gero eta urriagoak dira; enpleguari ordu gehiegi eskaintzen diogu; haurrak jabetza pribatu bezala bizi ditugu; lanaren prekarietatea areagotu egin da, mugikortasuna biderkatu, eta guztiok gaude "aldi baterako", pasadan. Etxe-bizitzen ereduek, eta horietan sortzen ditugun bizitza-unitate txiki eta isolatuek, egituraz mugatzen dute tribuaren aukera. Zentzu askotan, tribura "joan" baino, "bueltatu" behar garela iritzi diote solaskideek. Sareek eta komunitateak, berritzailetik baino, akaso, zaharretik dutela gehiago. Onurak, aldiz, zailtasunak baino gehiago direla uste dute. "Ama bakar" esan ohi diegu Itziarrek eta Irantzuk egin bezala seme-alabak bikoterik gabe izatea erabaki dutenei. Termino desegokia, inondik ere: biek ala biek ikusi dituzte bikote askotako emakumeak zaintza lanetan eurak baino dezente bakarrago, itota. Txikien zaintza saretuak guztiei egiten die mesede. Umeek eredu gehiago dituzte inguruan, eta helduek kalitate handiagoko denbora eskain diezaiokete haurrei. Batzuek zein besteek gehiago gozatzen eta ikasten dute. Zaintza partekatuak eta saretuak bizi-eredu zoriontsuago eta bidezkoagorako lurzoru aproposa dira. Itziarrek eta Irantzuk zaintza eredua ez ezik, amatasunaren beste ohikeria asko apurtzen dituzte. Baina edonorentzako dira zaintza sareak interesgarri eta gauzagarri. "Bikote heterosexual 'normalek' ere osatu beharko lituzkete", diosku Kattalinek. Horra seikotearen gonbitea, eta hona Itziarren azken gomendioa, bizitutako esperientzietatik: "Argi hitz egin, aldez aurretik, sarean parte hartuko duten guztiekin. Nola osatuko dugun sarea, bakoitzak zer egingo duen horren barruan".
news
argia-f350cf3d1911
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/edizio-gaurkotu-bat.html
Edizio gaurkotu bat
Aritz Galarraga
2018-02-25 00:00:00
Edizio gaurkotu bat Azkena aletu genuen hemen Pierre Topet, a.k.a. Etxahun poetaren bizitza aletzen zuen obra, Joanak joan , Jon Etxaiderena. Ekar dezagun gaurkoan Pierre Topet, a.k.a. Etxahun poetaren obra bera, zeinak era berean balioko digun ulertzeko bere bizitza. Hitzaurrean dio Xipri Arbelbidek: "Kantu horiek izan ez balire, nehork ez zuen Etxahun izan zenik ere jakinen". Kontziente da Etxahun halaber, aitortzen duenean doala "Ene bizitziaren koblaz ezartera". Adibidez "Bizitzearen kantorea" izeneko sortan, zeinean berrogeita bederatzi estrofatan haizatzen diren, urtez urte, Etxahunen bizitzaren lehen berrogeita zortzi urteak. Bizitza bat bestalde sufrimenduz betea –"Etxahon'en zorthia izan da aiphatü, / Mündian gütik dila haboro sofritü"–. Sortzetik beretik –"Aitetamer beininzan haurreti hügüntü"–: bullyinga jasan behar izan zuen, premugoa kendu zioten, ondasunak galdu zituen; maite zuen emakumearekin jarraitzea debekatu zioten, beste emakume batekin ezkontzera behartu zuten, emaztea auzoarekin enbolikatu zen, bastart bat egiteraino. Ondorioz, tratu txarrak, presondegian egonaldiak, judizioak bizi osoan zehar. Eta suizidio saiakeraren bat: "Hüllan ezarri nintzan fi gaixto egitera". Etxahun, beraz, poeta esan dezagun erromantikoa, ez akaso ikuspuntu teoriko batetik, baina bai ezinbestean praktikan, bizimodu hain makurra eraman zuenez testuetara. Ni indibidualaren goraipamena, nahi bada "Ni"-aren literatura, baina 1850 aurretik, XIX. mendearen lehen erdian. Ez bakarrik: orobat kronika beltza –"Bizia deronak idoki personari / Beria ere zor diala, orhit hadi"–, kronika horia –"Haurrak aita nur din deikük erranen"-, gai sozialak –esaterako emigrazioa: "Montebidorat dira hanitz abiatzen"–, edota engaiamendu politikoa –botoa eskatzeraino: "Egizie Musde Chahori zien botzen emaitia"–. Piarra Topet Etxahun. 1786-1862 biografiaren osagarri, bertso bilduma honek biltzen ditu ustez zubererazko testu originalak (ez baitira Etxahunek idatzi bezala jasotzen) eta ustez batura egin egokitzapenak (askotan hobeki ulertzen baitira zubereraz omen diren bertsioak), Xipri Arbelbidek atonduak denak, iruditu zait pixka bat aliritzira. Sarean ere badaude Etxahunen testuak bestela. Baina uste dut XXI. mendeko irakurleak merezi duela edizio gaurkotu bat, garaikidea, auskalo kritikoa, Etxahunen bertsoez gozaraziko liokeena. n
news
argia-4d8e0e245ed5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/aurpegi-britainiarrik-zaharrena.html
Aurpegi britainiarrik zaharrena
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-02-25 00:00:00
Aurpegi britainiarrik zaharrena 1903an 10.000 urteko giza eskeleto bat topatu zuten Gough kobazuloan, Chedarren, Ingalaterrako hego mendebaldean. Mende bat pasatxo geroago, Londresko Historia Naturaleko Museoko zientzialariek Cheddarreko gizakiaren DNA egoera oso onean ateratzea lortu dute. Horrek gizon hari buruzko informazio genetiko asko ekarri du, besteak beste, azalaren, begien edo ilearen kolorea. Hala, indibiduoaren aurpegia berregiteko aukera eman die zientzialariei. Eta emaitza harrigarria izan da: begi urdinak zituen, ile beltza eta azala oso iluna. Londresko University Collegeko adituen esanetan, giza azalaren pigmentazio argia uste baino ezaugarri berriagoa dela adierazten du horrek.
news
argia-7136cd2a7328
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/uxua-lopez-telekomunikaziotako-ingeniaria.html
"Emakumeen talentu guztia baliatu behar dugu galtzen ari garen klima aldaketaren borrokan"
Reyes Ilintxeta
2018-02-25 00:00:00
"Emakumeen talentu guztia baliatu behar dugu galtzen ari garen klima aldaketaren borrokan" 80 emakume zientzialari espedizio batean ari dira egunotan Antartikan, tartean da Uxua Lopez. Duela bi urte ehuntzen hasi zen 1.000 emakume adituren sareko kide dira. Emakumeen lanari ikusgarritasuna ematea da lehen urratsa. Hurrengoa, klima aldaketaren inguruan erabakiak hartzen diren guneetarako bidea irekitzea, berandu baino lehen. Zein da zure lana Acciona enpresan? Azken bost urteotan kontrol zentroan ari naiz lanean. Handik energia berriztagarrien 400 bat estazio kontrolatzen dira, 14 gigabyte-eko energia iturriak. Ia 80 pertsona ari gara lanean atal horretan eta ni sistemaren segurtasunaz arduratzen den taldean nago. Duela bi urte ziber-segurtasun graduondoa egin nuen eta industriarako kontrol sistemak kudeatzea da nire espezialitatea. Alor horretan gerta daitezkeen arazoek eragina izan dezakete fabrika baten jardueran, elektrizitate zentral batean edo semaforoen funtzionamenduan. Ondorioak oso larriak izan daitezke pertsonentzat. Guk orain arte, zorionez, ez dugu ezustekorik izan. Zer da Antartikako bidaia hori? Urtebeteko formakuntzari amaiera jartzen dion espedizioa da, Homeward Bound proiektuaren barruan. Ekimen hori duela bi urte sortu zen hamar urtera begirako helburuarekin. Urtero 80 emakume aukeratzen dituzte STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) alorrekoak. Sare bat osatzen dute eta helburu nagusia da hamar urte barru munduan 1.000 emakume ongi prestatuak izatea, klima aldaketaren inguruko erabakiak hartzen diren guneetan ardura postuak izan ditzaten. Aurtengoa bigarren edizioa da. Ideia Australian sortu zen. Emakume zientzialari bat, Jessica Melbourne-Thomas, eta trebatzaile bat, Fabian Dattner, elkartu ziren emakumeen lanari balorea emateko asmoz. Zenbait ikerketa garrantzitsutan bildutako datuek erakutsi zieten genero parekidetasuna duten lantaldeen emaitzak %50 hobeak izaten direla gizonak gehiengoa diren taldeetan baino. Bi emakumeok konturatu ziren klima aldaketaren borroka galtzen ari garela eta onuragarria izanen zela parekidetasunaren estrategia aplikatzea. Zergatik funtzionatzen dute hobeki talde parekideek? Ikerketa horietan ikusten da emakumeok gure sormenaren eta gure esperientziaren bidez bestelako soluziobideak ematen ahal dizkiegula arazoei. Oso kontu larria da emakumeen talentu guztia alferrik galtzea. Askotan galdetu izan diot neure buruari zer gertatu den hainbat mendetan aprobetxatu ez den talentu horrekin guztiarekin. Argi dago emakumeok baditugula beste ikuspuntu batzuk, bestelako bizi esperientziak ditugulako. Arazoei aurre egiterakoan, esate baterako, orain arte ohikoak izan ez diren soluziobideak bilatzeko gai gara. Oro har, hobeak gara talde-lana egiterakoan. Batzuetan soluziorik onena ez dator ezagutza tekniko oso altua duzulako, baizik eta hori izateaz gain, kontuan hartzen dituzulako beste gauza asko: elkarlanaren balioa, zer nolako emozioak sorrarazten dituzten hartutako erabakiek, zer ondorio ekarriko dizkien beste pertsonei, esate baterako. Emakumeen talentu eta trebetasun guztiak baliatu behar ditugu galtzen ari garen klima aldaketaren borrokan. Jokoan dagoena ez da emakumeen, gizonen edo pinguinoen biziraupena, denona baizik, planeta osoarena. "Euskal Herrian udak luzeagoak dira, lehorte latzak ditugu eta espezie inbaditzaileak ugaldu dira" Nola izan zenuen proiektu honen berri? Aurten parte hartzen duten emakume gehienek aurreko urteko norbait ezagutzen dute, baina nik irratsaio baten bidez izan nuen honen berri. Carne cruda deitzen da saioa eta oso interesgarria da, trataera bikaina ematen dielako bai genero gaiei baita zientziakoei ere. Klima aldaketa eta generoa nire betiko borroka esparru nagusiak izan dira eta ekimen honetan biak bat eginik datoz. Pentsatu nuen ez nuela haiek nahi zuten soslaia, gehienak zientzia ikertzaileak zirelako, baina hala ere, azken unean bidali nuen proposamena, eta hara non, onartu ninduten. Argazkilaria: Dani Blanco. Proiektuaren aurkezpenean sustatzaileek oso ideia polita proposatu zuten. Bideo batean, galdetzen zieten neska eta emakumeei ea zer eginen luketen beren ama gaixorik balego, eta hori lotzen zuten Ama Lurrarekin eta egiten ari garen triskantzekin. Oso hunkigarria izan zen. Joan den urteko otsailean formakuntza epea hasi zen. Hainbat lan egin dugu urtean zehar taldeka, munduko hamaika tokitan zeuden lagunekin elkarlanean. Dokumentazio pila bat irakurri dugu eta lanak hiru gai nagusiren inguruan egin ditugu: emakumeen lidergoa, estrategia, eta ikusgarritasuna. Oso lan trinkoa izan da. Gogorra, baina oso polita. Espedizioan zer egin behar duzue? Lau asteko bidaia da. Otsailaren 13an atera eta martxoaren 13an itzuli. Argentinan itsasontzia hartu eta bi egunez Drake itsasartea zeharkatuko dugu. Esan digute mila kilometroko bidaia garbigailuan egitea bezalakoa dela. Izugarria. Biodramina baino dezente gogorragoa den botika hartu beharko dugula esan digute, eutsi ahal izateko. Gero zientzia estazioak bisitatuko ditugu. Ez da kirol espedizioa, bisita zientifikoak dira. Errusia, Ameriketako Estatu Batuak, Britainia Handia, Txina eta Argentinaren estazioak ezagutuko ditugu. Antartika laborategi erraldoi moduko bat da, oso egokia berotze globalaren ondorioak aztertzeko. Planetako ur erreserba handiena da eta kutsadurarik edo distortsiorik sortzen ahal duen beste faktorerik ez dago. Acciona enpresak nola lagundu dizu proiektu honetan? Ekimenean parte hartzeko 16.000 dolar ordaindu behar da, kostu errealaren erdia. Acciona Energíak bere gain hartu zuen gastu hori proiektuaren filosofia bat datorrelako enpresaren helburuekin. Horrez gain, aseguruak, bidaiak eta materiala ordaindu behar nituen nire poltsikotik, baina abenduan Acciona markak Acciona Team sortzea erabaki zuen, espedizioan parte hartu behar dugun partaideekin. Ekipamendua lortzen lagundu digu eta beste partaideei ordaintzeko falta zitzaiena ere jarri du. Gainera, Ternua eta Lorpen enpresek material izugarri ona eman digute eta eskerrak eman behar dizkiet, noski. Zer iruditzen zaizu klima aldaketa ukatzen duen AEBetako presidente Trumpen jarrera? Gero eta eszeptiko gutxiago dago. Taldekide batzuek diote jendea konbentzitu behar dugula, baina nik uste hori jada ez dela beharrezkoa. Sinetsi nahi dutenek sinesten dute eta nahi ez dutenek ez. Nik jada ez dut pedagogiarik egiten, propaganda baizik. Aldaketaren ondorioak begi bistakoak dira. Azken 50 urteetako CO2 emisioetan bada goranzko ikaragarri bat, lehenago inoiz existitu ez dena. Desertifikazioa, euriteak, uholdeak, lehorte gero eta latzagoak, espezie inbaditzaile pila bat zabaltzen eta ekosistema asko erabat suntsitzen… Ondorioak atzeraezinak dira eta horregatik orain da unea gure jokamoldeak aldatzeko, eskuetatik gehiago ihes egin ez dezan. Gauza asko galdu dira dagoeneko eta ez ditugu inoiz berreskuratuko. Adibidez? Basamortu bihurtutako eremuak, esate baterako. Txinan azken 50 urteotan 25.000 kilometro koadro gehiago dute mortu. Iberiar Penintsularen azaleraren %80 desertu izateko arriskuan dago, 2016an Espainiako Estatuko Ingurumen Ministerioak argitara emandako txosten baten arabera. Lehengo euri kopuruak berreskuratzea oso zaila da, ezinezkoa dela ez esateagatik. Eta Antartikan? Izotz hormak urtzea da berotze orokorraren ondorio nagusia. Glaziarrak ere desagertzen ari dira. Izotza desagertuz gero munduaren topografia alda liteke, izan ere lur zati batzuk ur azpian geratuko lirateke eta beste batzuk oso bero bilakatuko lirateke. Itsas mailaren igoera kezkagarria gertatzen ari da, itsas eta haize korronteak desberdinak dira, itsas ekosistemak aldatzen dira eta denok pairatzen ditugu ondorioak. Argazkia: Dani Blanco. Eta hemen, Euskal Herrian? Hemen udak luzeagoak dira, lehorte latzak ditugu eta espezie inbaditzaileak ugaldu dira. Panpa-lezka edo panpa-belarra ( Cortaderia selloana ) da inbaditzaileetako bat. Jatorriz Hego Amerikakoa da belar altu hori, Panpan eta Patagonian bizi da eta Euskal Herriko kostaldean gero eta gehiago ikus daiteke. Bertako landare asko kaltetzen ditu. Zergatik dabil hain emakume gutxi zientzian eta teknologian? Betidanik emakumeak ikusezinak izan dira alor horietan eta gaur egun berdin jarraitzen dugu. Komunikabideetan agertzen diren adituak, adibidez, ia guztiak gizasemeak dira. Testuliburuetan ere oso gutxi ageri dira. Nobel sarietan soilik %3 izan dira emakumeentzat zientzian. Horregatik guztiarengatik erreferente falta izugarria dago eta horrek ondorio zuzena du neskengan, ikasketak aukeratzerakoan. Askotan neskei sinetsarazten diete txarragoak direla zientzia eta matematiketan. Errealitatea ez da horrelakoa. Emaitzak eta notak hor daude kontrakoa erakutsiz. Bestalde, zientzia eta teknologia karrera oso gogorra da. " Publish or perish " argitaratu edo hil, esaten da, adierazteko etengabe zure ikerketen berri ematen aritu behar duzula eta ez da amatasunarekin bateragarria. Emakume askok lehia profesionala alde batera uzten dute eta beste askok ama izatea geroko uzten dute lanean toki on bat erdietsi arte. Unibertsitatean emakume askotxo dago, batez ere hainbat gradutan, biologian, adibidez, baina gero ardura postuetara ez dira iristen. Arrakala handiak daude, eta handiena zaintzak eragiten duena da. Emakumeok Antartikara joan ahal izateko gizonek eraman behar dituzte haurrak medikuarenera, kartetan aritu aitonarekin, erostera joan eta arropa garbitu behar dute. Zaintza lanak eta etxeko lanak partekatzen ez diren bitartean ezinezkoa da emakumeok aukera berdinak izatea gure garapen profesionalean. Enpresa munduan, ni nagoen alorrean, adibidez, gizon batek haurra izatea gauza ona da enpresarentzat, horrek esan nahi baitu bere egoera pertsonala egonkorragoa izanen dela, ez dela auskalo nora joanen, zentratua egonen dela enpresan. Aldiz, emakume batek umea duenean arazoa dator: orain bere lehentasunak aldatuko dira, ezin izango da beti libre egon, nahasiago ibiliko da, lanetik atera behar izanen du askotan… Arrakala horiek guztiak, eta soldatetan daudenak, desagertzen ez diren arte emakumeok etorkizun zaila dugu. Soluziobidea? Aldatu maila guztietan. Gizonezkoek ohartu behar dute pribilegioak galdu behar dituztela eta enpresek neurri batzuk bai ala bai hartu behar dituzte bateragarritasun erreala lortu ahal izateko. Gobernu mailan lege egokiak behar dira emakumeen garapen profesionala sustatzeko. Ameriketako Estatu Batuetako proiektu kide batek esaten zidan han kongresu batzuetan haurrak zaintzeko zerbitzuak dituztela, inor etxean gelditu ez dadin arrazoi horrengatik. Eta zenbait kasutan bazterketa positiboa egin beharko da emakumeen alde. Desberdina litzateke mundu parekidea? Nik uste dut baietz. Askoz lasaiagoa litzateke. Gerra, gorroto eta muga arazo askoz gutxiago legoke. Kooperazio eta komunikazio gehiago legoke, zalantzarik gabe.
news
argia-aa6fcc1ec3bc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/greba-mugagabean-alfako-sirena-isildu-ez-dadin.html
Greba mugagabean, Alfako sirena isildu ez dadin
Miren Osa Galdona
2018-02-25 00:00:00
Greba mugagabean, Alfako sirena isildu ez dadin "Badakigu itxi egingo dutela, baina duintasunagatik gaude hemen". Unai Arosak 24 urte daramatza Eibarko Alfa enpresan lanean. Azken bi hilabetetan ez da lantokira joan, ez behintzat lanera, protesta egitera baizik. Bera bezala, enpresako langileen erdia baino gehiago greban da. Lan baldintzez eta enpresaren arduradunek hartutako erabaki jakin batzuez nazkatuta, planto egitea erabaki dute. Baina nola iritsi da herri baten oinarri eta sostengu izan den enpresa historikoa egoera horretara? Musika bafleak, mahai luze bat, aulkiak eta pankartak baino ez daude Untzaga plaza erdian jarri duten informazio karpa gorriaren azpian. Hotza eta euria eginagatik ere, bertan biltzen dira astean hirutan greban dauden langileak. "Pertsonalki oso gogorra ari da izaten –dio Arosak–, apenas egiten dugu lo eta diru sarrerak geroz eta urriagoak dira". Hala ere bai berak eta bai ondoan duen Joseba Apellaniz lankideak argi dute "kalean borrokatzen" jarraitu behar dutela. Greba egiten ari ez direnekin harremana erabat hoztu da ordea: "Amorru gehien ematen duena da gure borrokaren ondorioz zerbait lortzen badugu, guztion mesederako izango dela eta gu hemen gauden bitartean beraiek ez daudela gure ondoan". Duela bost urte 800 langile ziren, egun 200 inguru. Pertsonal murrizketaz gain, lan baldintzek ere beherantz egin dute Alfa Precision Casting (APC) enpresan. Alfa Taldeko lantoki handiena da eta langileen erdiak baino gehiagok egiten du lan hor. Bilakaera hori ez da zoriz gertatu. Apellanizek 20 urte daramatza lantegian eta azken hamar urtetan Alfa indarrik gabe nola geratu den ikusi du: "Baldintza txarretan bada ere, isil-isilik aurrera egin izan dugu beti. Soldatak igotzeko dirurik ez dagoela esan digute eta hala ere lanean jarraitu dugu". Arosak bat egin du lankidearekin: "Hamar urte daramatzagu soldata berarekin, hori gutxi ez eta %10 jaitsi ziguten, eta ez genuen ezer esan". Jon Baranguan LABeko bozeramailearen kalkuluen arabera, baina, langileen eros-ahalmena egiaz %23 gutxiago da egun. "2008tik soldata bera dute baina gizartean dena gorantz doa". Horren aurrean hainbat proposamen eskaini izan dizkiote enpresari, baina "dirurik ez dagoela esan izan digute behin eta berriz, eta guztiok noranzko berdinean egin behar dugula arraun enpresa aurrera ateratzeko. Esandakoa egin dugu baina hala ere ez dugu etekinik jaso inoiz", dio Arosak amorruari ezin eutsita. Sindikatuko delegatuek enpresaren egoeraz informazioa eskatu izan dute behin baino gehiagotan: kontabilitatea, irabaziak, informazio orokorra...  Horretan ere enpresaren erantzuna ezezkoa izan da euren esanetan. Hala, "beste bide batzuk" hartu behar izan zituzten: "Merkataritza Erregistrora joan ginen sindikatu gisa laneko kontuak ateratzera –dio Baranguanek–. Hor hartu genuen lehen ezustekoa: ohartu ginen hiru zuzendarien artean 2.289.000 euro banatu zituztela". Sindikatuek urteko 400.000 euroko inbertsioa eskatu izan dute langileen baldintzak hobetzeko, baina dirurik ez dagoela argudiatu duten bitartean, 800.000 euro "poltsikoratu" ditu bakoitzak. Unai Arosa, grebalaria: "Pertsonalki oso gogorra izaten ari da, apenas egiten dugu lo eta diru sarrerak gero eta urriagoak dira" Horren berri izan bezain laster langileen batzarrean jakinarazi zuten. Albistea jasotzea "mugarria" izan da Arosa eta Apellanizen iritzian: "Guztioi esfortzua eskatu eta dirutza hori euren artean banatzen dute? Onartezina da. Greba egiteko gakoa izan da". Enpresako arduradunek bilera egiteko proposamena onartu zuten: bost urteren ostean izan zuten lehen hartu emana izan zen. "Elkarren artean diru kantitate hori banatu izana onartu zuten, inongo lotsarik gabe". Enpresa mantentzeko inbertsioak egiteko prest agertu ziren enpresaburuak: lanpostu guztiei eutsi, pertsonala handitzeko kontratazio berriak egin eta baldintzak hobetzeko hitza eman zuten. Aldiz, ekaitza berehala iritsi zen beste behin Eibarrera: hitzarmen berrirako 40 langile kaleratu eta mekanizazioko sekzio guztia ixteko asmoa izan zen enpresaren proposamena. "Nahikoa zela esan genuen. Plan industrial berri baterako prest daudela esan eta begira zein izan den beraien asmoa!", dio Apellanizek. Greba garaia Bost greba egun adostu zituen langile batzordeak egoera salatzeko: azaroaren 27, 28 eta 29a, eta abenduaren 4 eta 5a. Lehen protesten ostean enpresa langileak mehatxatzen hasi zela ziurtatu du Baranguanek: "Abenduaren 11n langileak lanera ez bazihoazen, enpresa likidazioan sartuko zutela esan ziguten eta epailearen aurrean aurkeztuko zuten dokumentu bat filtratu ziguten". Mehatxuak mehatxu, greba mugagabeari ekitea erabaki zuten. Enpresak likidazio eskaera aurkeztu zuen Donostiako Epaitegian abenduaren 7an. Bi jai egunen artean egin izanak "argi uzten du enpresaren asmo txarra", LABeko kidearen aburuz. Alfa Precision Casting behin behineko kudeatzaile berri batzuen esku geratu da eta inbertitzaile berriek hilabeteko epea dute beste proiektu bat aurkezteko. APCko langileek "gardentasuna" eskatu dute prozesu horretan. Likidazio plana, ordea, ez da enpresaren azken jokaldia izan: lanpostuak behin betiko desagerrarazteko espedientea aurkeztu du. 131 langile kaleratzea ekarriko duen neurria da.  APC bi fasetan desegitea da enpresaburuen asmoa: lehenengoan 51 langile kaleratuko dituzte. Horietatik 48 grebalariak dira eta beste hiruei lana eskaini diete taldeko beste lantoki batean, sindikatuek jakinarazi dutenez. Kaleratze plana "diskriminatzailea" dela salatu dute langileek. Gainontzekoak uztailaren 31 bitartean botako dituzte euren lanpostuetatik. Bestalde, LAB eta ELAko delegatuak kargugabetu egingo dituzte, erabaki horrek "zuzen-zuzenean" urratzen du askatasun sindikalerako eskubidea Baranguanen ustez. Enpresak greba eskubidea errespetatu ez izana ere salatu dute, beraiek greban egon diren bitartean beste langile batzuk kontratatu baitituzte produkzioarekin jarraitzeko. Lerro hauek idazteko unean 80 greba egun beteko dituzte APCko langileek. Arduradunekin lehen hartu emana izan  dute, hasierako aldarrikapenak oinarri hartuta: lanpostuei eutsi, kalte-ordainak hobetu, kaleratze traumatikorik ez egin eta prozesu guztian irizpide objektiboak erabiltzea. Hori guztia lortzeko, ordea, ezinbestekoa iruditzen zaie herritarren babesa. Otsailaren 16an manifestazioa zuten egitekoa Eibarko Untzaga plazatik abiatuta. Karpa gorriak oraindik zutik zirauen haize eta euripean.
news
argia-e096d82fc856
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/publizitate-eta-babesletza-instituzionala-gipuzkoako-aldundian.html
Hedabideetan eragiteko tresna politikoa
Axier Lopez
2018-02-25 00:00:00
Hedabideetan eragiteko tresna politikoa Publizitate instituzionalen eta babesletzen bidez, zein komunikabidek jasotzen du diru gehien eta zein dira bazterrean geratzen direnak? Zein dira banaketarako irizpideak? Gipuzkoako Aldundiaren kasua aztertu du ARGIAk, datu publikoak ematen hasi baita –bera da bakarra–. Aperitibo gisa: diru gehien El Diario Vasco egunkariari eman zion iaz ere Aldundiak, 399.075 euro; eta konparaziorako, ARGIAri 4.293, ia ehun aldiz gutxiago. Herritarren ezagutzatik urrun, diru publikotik ehunka milaka euro mugitzen dituen sistema opakua dago atzean. Euskal Herriko erakunde publikoek urtero milioiak banatzen dituzte hedabideen artean, instituzioek sortutako informazioa zabaltzearen truke (publizitatea) edo instituzioek egoki irizten dioten zenbait lan diru publikoz babestearen truk (babesletza). Gipuzkoako Aldundiak zer banaketa eta nola egiten duen azaldu asmo du erreportaje honek. Infografia nagusian eskuragarri dago instituzio honek 2016an eta 2017an egin duen publizitate eta babesletza banaketa. Datu horiek lehen aldiz jarri dituzte herritarrentzat eskuragarri eta Gipuzkoako Aldundia gai honetan erakunderik gardenena da gaur gaurkoz. Datu guztiak publikoak dira, Gipuzkoa Irekia webgunean daude eskuragarri. Bizkaian, Araban eta Nafarroan gai honetan herritarrek egun ezin dute jakin erakundeok zenbat diru publiko bideratzen duten hedabideetara publizitate publikoaren bitartez. Diru partidarik handienak mugitzen dituzten udaletan ere ez dituzte datuak eskuragarri jartzen. Hori da, erreportajea Gipuzkoako datuetan bakarrik oinarritzeko arrazoia. Publizitate eta babesletza instituzionalaren banaketari dagozkion gastuak bi multzo nagusitan daude: Publizitate kanpainetan egindako gastuak eta Kontratu txikiak ataletan. Hainbat asteko lana izan da dokumentuak aztertu eta kopuru batzuetara heltzea. Kasu batzuetan kontratuen kontzeptuak zehaztasunik gabeak dira, iragarkiaren eta kontratuaren datak ez dira azaltzen eta azpikontraten bitartez egindako banaketa errealak ez dira agertzen. Bestelako kontratu motak ere agertzen dira dokumentuetan (komunikazio zerbitzuak, adibidez), baina kontuan hartu ditugun bakarrak hedabideetan jarritako publizitate edo babesletzekin lotura zuzena duten kontratuak dira. Dokumentu publikoetan gastuak banan-banan identifikatu eta EH Bilduk Batzar Nagusietan eskatutako dokumentuekin konparatuz osatu dugu zerrenda. Halere, aurrez aipatutako arrazoiengatik, baliteke zenbait kasutan kopurua guztiz zehatza ez izatea eta beraz, ahalik eta zuzenena den argazkia aurkeztu nahi dugu. Azkenik, gure emaitzak hainbat hedabideren lehen eskuko informazioarekin kontrastatu ditugu aurkeztu aurretik. El Diario Vasco jaun eta jabe El Diario Vasco egunkariak gutxienez 399.075 euro jaso zituen 2017an, Gipuzkoako Aldundiaren publizitate instituzionalen eta kontratuen bidez. Urtez urte diru publiko gehien jasotzen duen egunkaria da Gipuzkoan. Orotara, lurralde honetan Vocento taldeko El Diario Vasco eta Teledonostik 463.992 euro jaso dituzte. Bigarren lekuan Noticias taldea osatzen duten Noticias de Gipuzkoa k eta Onda Vasca irratiak 277.219 euro jaso dute; EiTBko hedabide publikoei 178.000 euro ordaindu dizkiete eta SER taldea osatzen duten irratiei 96.000. EiTB elebiduna kontatu gabe, beste hirurek ia osorik gaztelaniaz informatzen dute. Gipuzkoako Aldundiak 2017an publizitate eta babesletzara bideratutako diruaren %69 nagusiki gaztelaniaz aritzen diren hedabideentzat izan da, beste %13a diru publikoz finantzatutako EiTBko irrati eta telebista elebidunei eman die, eta %18a euskarazko hedabideei. Euskal hedabideen multzoan iaz tokiko hedabideek jaso dute diru gehien 112.535 euro, euskarazko hedabideetara bideratutako diruaren %45a. Konparaziorako, euskarazko hedabide guztiek 2017an jaso duten diru guztia batuta baino gehiago jaso du Noticias Taldeko bi hedabideek bakarrik. Irizpide zaharkitu eta lausoak Gipuzkoako Aldundiak publizitate instituzionala zer irizpideren arabera banatu behar duen 1994ko apirilaren 6ko Foru Arauak zehazten du. Komunikabideen panorama eta informatzeko bitartekoak nabarmen aldatu badira ere, orain dela 24 urte onartutako testua da erreferentzia bakarra. Arauak gabezia nabarmena du: prentsa idatzia bakarrik aipatzen du, albo batera lagaz, irratia, telebista edota Internet. Are gehiago, araua zein komunikabideri bideratuta dagoen zehazten duen lehen artikuluak dio, "Gipuzkoako egunkariez" ari direla, ez besterik. Hala ere, hau izan da azken urteetako diru banaketak justifikatzeko erreferentzia. Foru Arauaren asmo orokorrak ondorengoak dira: "Euskal hiritarrek [sic] hizkuntza dela eta diskriminatuak ez izatea, informazio eskubidea eta informazio aniztasuna bermatzea, proportzionaltasuna, hedabideen arteko lehia librea errespetatzearren, eta eraginkortasuna". Horretarako, "arbitraltasuna alde batera utzi eta malgutasunez jokatu" behar dela azpimarratzen du. Urteko aurrekontua lau multzotan banatzen du arauak. Publizitate instituzionalaren %8 "euskarazko egunkarirako ziurtatutako da" –artean Euskaldunon Egunkaria , egun Berria – eta "euskarazko egunkari bat baino gehiago argitaratuko zatekeen egunean, antzeko tratamendua edo berdina" eman beharko litzaiokeela dio. Aurrekontuaren %37 "Gipuzkoan argitaratzen diren egunkarien artean berdintasunez" banatu behar dela agintzen du. Beste %37 "hedapen-zifraren" arabera partitzeko zehazten du. Eta gainerako %18a "beste hedabideen" artean erabiltzeko dela dio, publizitatearen "lurralde eremua eta hartzaileak" kontuan hartuz. Gipuzkoako Aldundiko Komunikaziorako zuzendari nagusi Elene Arrazola Sotori kontsulta egin dio ARGIAk eta dio publizitatea banatzeko Foru Araua aintzat hartzen dutela. "Aniztasunari errespetua eta [hedabideen] dibertsitate horrekiko zintzotasuna dugu irizpide nagusitzat, foru arauak jaso bezala". Halere, Foru Arauak aipatzen ez dituen beste irizpide batzuk ere badarabiltzate, bere hitzetan ondoriozta daitekeenez. Batetik, iragarki instituzionalak eta diru laguntzat banatzeko orduan, euskarazko hedabideen artean "tokiko komunikabideei tratamendu berezia" ematen dietela azpimarratu du. Eta bestetik, "audientziei erreparatuz, lurraldeko informazioa espresuki eskaintzen duten bertako hedabide edo edizioei lehentasuna" ematen diete.  Ez dute Foru Araua betetzen Hainbat daturi erreparatuta, agerikoa da Foru Araua ez duela betetzen Gipuzkoako Aldundiak. Berria k ez du aurrekontuaren %8a jasotzen –2017an %3a jaso zuen–, aurrekontuaren %37a ez da berdintasunez banatzen Gipuzkoan argitaratzen diren hedabide guztien artean. Dozena batetik gora dira 2017an 1.000 euro baino gutxiago jaso zutenak. Horrez gain, irismenaren arabera banatu beharreko gainerako %37ari dagokionez, datuak ez datoz bat. Adibidez, Madrilen egoitza duen Oficina de Justificación de la Difusión enpresak –OJD gisa ezaguna– ematen dituen datuen arabera, 2010etik 2017ra El Diario Vasco ren ale salmenta gainbehera etengabean dator. 2010ean egunero 71.948 ale saltzen zituen bataz beste, eta 2017an 48.949, aipatu iturriaren arabera. Publizitate sarrerak aldiz gora egin du, adibidez 2017an 2016an baino 100.000 euro gehiago eman dizkio Aldundiak publizitatean eta babesletzetan: %25eko igoera. Diru publikoa banatzeko hedabideen irismena irizpide gisa hartuz gero, Noticias de Gipuzkoa egunkariaren kasuak hainbat zalantza jartzen du mahai gainean. 2013an egunero bataz beste 5.411 aleren salmenta aitortu zion OJD-k eta 2016an 4.291 alekoa. Salmenta horrekin jaso duen diru kopuruak agerian uzten du partiketa ez dela era proportzionalean egiten: El Diario Vasco k 2017an 399.075 euro jaso ditu 48.949 ale salduta (2016ko datua), eta Noticias de Gipuzkoa k 4.291 alerekin 166.219 euro eskuratu baititu. ' Noticias de Gipuzkoa k' jaso duen dirua irismenak justifikatzen badu, banaketa proportzionala eginez, 'Gara' eta 'Berria'-k hamarnaka milaka euro gehiago jaso behar lukete Espainiako CIS soziologia ikerketa zentroak emandako 2016ko datuek ere hala berresten dute. Gara ri bataz beste egunero 35.000 irakurle kalkulatu dizkio eta ondoren dator Berria , 29.000 irakurlerekin; Noticias de Gipuzkoa egunkariaren irakurleak 26.000 dira CISen arabera 2016an. Beste era batera esanda, Noticias de Gipuzkoa k jaso duen dirua, gehien bat, irismenak justifikatzen badu, banaketa proportzionala eginez, Gara eta Berria egunkariek egun jasotzen dutena baino hamarnaka milaka euro gehiago jaso behar lukete. CISen datuek agerian utzi dute Noticias taldeko Onda Vascak jasotako publizitatea eta "irismena"-ren arteko arrakala ere. Erakunde horren arabera, 2016an Gipuzkoan gehien entzundako irratien artean bederatzigarrena izan zen Onda Vasca. 2017an banatutako publizitateari dagokionez, aldiz, Onda Vascak diru gehiago jaso du Onda Cero edo Cadena 100 kateek baino, bi aipatzearren. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuetan publizitate gastuak sailka agertzen dira. Diputatu Nagusiaren saila da, alde handiz, diru gehien bideratzen duena, baina gainerako sailek ere publizitate kanpainak bideratzen dituzte. Datuek erakusten dute, sailaren buru alderdi bat edo beste izateak aldaketak dakartzala. PSE-EEren esku dauden sailetan SER katearen presentzia handiagoa da eta oro har euskarazko hedabideena urriagoa da gainerakoetan baino. El Diario Vasco sail guztietan da diru gehien jasotzen duena, alde handiz. Proportzionaltasuna? 2017an hiru komunikazio-enpresak aurrekontu guztiaren %62 jaso dute: Vocentok %33, Noticias taldeak %16 eta EiTB-k %1 "Beharrezkoa da arauak informaziorako eskubidea bermatzen duela eta informazio aniztasuna nahiz elkarren arteko lehiaren legea errespetatzen dituela gauzatzea". Esaldi korapilatsu hori dio hitzez hitz Foru Arauaren hitzaurreak. Datuek erakusten dutenez, ordea, banaketan alde nabarmenak daude. 2017an hiru komunikazio-enpresak aurrekontu guztiaren %62 jaso baitute, publizitate eta babesletza instituzional guztiaren ia bi herenak: Vocentok %33 –El Diario Vasco eta Teledonosti– , Noticias taldeak %16 – Noticias de Gipuzkoa eta Onda Vasca– eta EiTB-k %13. Gainontzeko %38a 48 hedabideren artean banatu dute. 2016an ere antzekoa izan zen banaketa. Hiru talde horiek aurrekontu guztiaren %61 bereganatu zuten: Vocentok %28, Noticias taldeak %18 eta EITBk %15. Status quoa indartzeko irismena Publizitatearen banaketan hedabideen "irismen datuak" pisu erabakiorra du Aldundiarentzat. Interneten etorrerarekin, ordea, hedabideen irismen erreala kuantifikatzea oso zaila da: zeinek zenbatzen du hedabideak Whatsapp gisako sare pribatu, Twitter, Facebook edo Youtuberen bidez zenbat jenderengana heltzen diren? OJD erakunde espainiarraren datuak eta webguneetako Google Analytics -en estatistikak baino ez dituzte aintzat hartzen "irismena" kalkulatzeko. Beraz, hedabide batzuen indargunea diren sare sozialen zabalkundea zenbatu gabe uzten dute erakunde publikoek. Horrez gain, hedabide bakoitzaren baliabide ekonomikoak eta iraganean egindako bidea ere ez dira kontutan hartzen. Galdera batzuekin hobeto ulertzen da azken hau. Maila berean saritu behar al dira multinazionalen jabetza duten hedabideak eta  langileak jabe diren komunikabideak? Diru publikoa jasotzeko, maila berean izan behar al dira multinazionalen jabetza duten hedabideak (Vocentoren kasuan adibidez, BBVA bankua da akziodun nagusia) eta jabetza langileena den komunikabideak, ARGIA kasu? Lehia desorekatua da berez, banketxe handi baten babesa daukan hedabidearen eta bere baliabideekin irauten duenaren artean. Lehenbizikoak bermatuta dauka egunero kaleratzea, inbertsoreek haien interesentzat komenigarri jotzen baldin badute. Bigarrenak aldiz, publikatzen duen zenbaki bakoitzarentzat finantzazioa lortu behar du. Erakundeek pluraltasun informatiboa babestu behar badute, zer zentzu dauka gaur egungo publizitate-politikak? Hedabideen herentzia historikoa ere ez da kontutan hartzen dirua banatzeko orduan. Nahiz eta ezinbestekoa den egungo "irismen gaitasunak" ulertzeko. El Diario Vasco k Gipuzkoan eta El Correo k Bizkaian eta Araban, eta azken finean, Vocentoren egunkari erregionalek Espainiako estatuko hainbat probintziatan duten hegemonia eta boterea ezin dira ulertu, hedabide hauek frankismoan jokatu zuten rola eta pilatu zituzten pribilegioak kontuan izan gabe. Irismena kalkulatzeko arazoak albo batera utzi gabe, irismena banaketarako irizpide nagusi bilakatzea bide eraginkorra da hedabideen status quoa betikotzeko, baita gaztelaniaren hegemonia ere euskararen kaltetan. Sare sozialetan hainbat hedabidek egiten duten lana ez kontuan hartuz, hainbat medio handiri egiten diete mesede, eta beste batzuei kalte. Borondatea salgai Hedabide askoren biziraupenerako ezinbesteko diru-sarerra ekonomikoa da publizitatea, eta gehien bat, babesletza eta publizitate publikoa. Edozein demokraziatan oso tentuz kontrolatu beharreko eremua da botere politikoaren eta enpresa pribatuen arteko harreman ekonomikoa. Eta informazio askatasuna bermatu behar duten hedabideen kasuan, are gehiago. Kazetaritza kazetaritza izan dadin ezinbesteko duen independentzia –ekonomiko eta politikoa– ezbaian jar dezakeen faktorea baita. "Dirua modu arbitrarioan banatzen baduzu borondateak erosten ari zara, informazio eskubideari kalte egiten ari zara. Adierazpen askatasuna nabarmen kaltetzen da, prentsa askatasunarekin lotuta ez badoa; eta prentsa askatasuna ezin da guztiz garatu joko arau ekitatiborik gabe". Eldiario.es hedabideko zuzendari Ignacio Escolar Espainiako Estatuko panorama mediatikoaz mintzo da Amnesty Internationalek antolatutako jardunaldi batzuetan. "Prentsa plurala daukagu, beren iritzi eta ikuspegiak partekatzen dituen prentsa aurki dezakete ia espainiar guztiek; baina ez daukaguna da jokozelai justurik prentsarentzat", zioen. Eldiario.es-en 2017ko iraileko kronikan jaso zutenez , "aktore politiko eta ekonomikoek informazioaren gainean duten kontrolari erreferentzia eginez adierazi zuen hori. Zehazki, esaldi horrekin publizitate instituzionalari egiten zion erreferentzia, irizpide arbitrario eta opakuekin egiten den diru publikoaren banaketari". Arlo honetan Euskal Herrian oraindik bide luzea dago egiteko. Publizitatearen banaketari lotutako gardentasun faltari irizpideen zehaztasunik eza gehitu behar diogu. Bi gaiak dira erraz konpontzekoak, alderdi politikoen aldetik borondatea baldin badago eta hedabideok diru publikoaren erabileraz gertuko jarraipena eskaintzen badiegu herritarrei. Gainontzeko instituzioak gehitu behar Gipuzkoako Aldundiak publizitate eta babesletzen bidez hedabideetara bideratzen duen diru kopuru hau lagin bat besterik ez da. Argazki osoa izateko, kontutan hartu behar da gainerako instituzio publikoen publizitatetik datorren dirua –irizpide berdinak erabiltzen dituzten gainerako aldundiena–, ETS moduko enpresa publiko askorena, udalena, diru publiko asko jasotzen duten zenbait enpresa, Eusko Jaurlaritzarena, eta zenbait hedabideren kasuan Espainiako Gobernuaren eta bere agindupeko erakundeena. Hala, Euskal Herrian gehien saltzen diren egunkari, telebista eta irratiek osatzen duten enpresa-taldeek milioiak jasotzen dituzte urtero funts publikotik, agintari publikoek emandako publizitate, babesletza, lan teknikoen eta diru laguntzen bitartez herritarrek jakin gabe. Hiru adibide adierazgarri DV-ko eguraldiaren orria babesten du Aldundiak El Diario Vasco egunkariak 2017an jaso dituen 399.075 euroen artean, eguraldiaren informazioa daraman El Tiempo Hoy orriaren babesletza dago. 4.800 euroko hiru ordainketa egin zizkion Aldundiak Vocentoko egunkariari, orotara 14.400 euro 2016an eta beste hainbeste 2017an.   Hondartzetako informazioa SER irrati kateari (Radio Eibar, Radio Irun eta Radio San Sebastian batuta) 21.681 euro eman zizkion 2017an Gipuzkoako Aldundiak hondartzetako informazioa eskaintzeagatik. Onda Vasca irratian, hondartzen informazio atalaren babesletzagatik 3.025 euroko hiru ordainketa egin zituen, 9.075 euro guztira. Gehigarrien pagotxa Gipuzkoako Aldundiak 2017an zortzi gehigarri argitaratu ditu babesletza kontzeptupean. Bat Sud Ouest egunkarian jarri zuten kultura eta turismoari buruz (1.180 euro) eta beste zazpi El Diario Vasco n. Merkeena Bioterrari buruzkoa izan zen 3.630 euroko kostearekin, Idiazabal gaztari buruzkoa 3.640; hortik aurrera osasunari buruzkoa 4.235, zibersegurtasunaz bat 4.950 eta beste bat 9.570 euroan. Nabarmen garestiagoak dira Ingurumen sailak lotutakoak, erraustegiaren publi-erreportajeekin: 17.545 euro kostatu zituen batek eta besteak 21.671 euro.
news
argia-ed46ee37710e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/16-urteko-mutil-transexual-batek-bere-buruaz-beste-egin-du-ondarroan.html
16 urteko mutil transexual batek bere buruaz beste egin du Ondarroan
ARGIA
2018-02-16 00:00:00
16 urteko mutil transexual batek bere buruaz beste egin du Ondarroan Chrysallis EH Elkarteak jakinarazi du berria. Ekai gaztearen amak semearen gorpua hilik topatu du otsailaren 15eko goizean.  Gizarte osoak galdutako borroka dela nabarmendu dute. Ekaik egunero aurre egin beharreko borrokak nerabe batentzat gehiegi izan litezkeela ondorioztatu du Chrysallisek. Erregistroan izen-aldaketa lortzeko, Gurutzetako ospitaleko "genero unitatean" inoiz heldu ez eta behar zuen hormona-tratamendua jasotzeko edo institutuan bere errealitatea azaldu eta errespetatzeko egin ez zen formakuntza-saioa ematea lortzeko borrokak jarri dituzte adibidetzat. Orain arte bezala, lanean jarraituko dutela adierazi dute, aniztasuna ulertu eta informatuta dagoen gizartea lortu arte. *Direnak diren eta izatea ukatzen zaien gazte guzti horiengatik lanean jarraituko dugu*. Hemen irakur dezakezue Chrysallisen oharra., Elkarteak babes osoa eskaini dio familiari. Ez da samina adieraziz zabaldu den mezu bakarra izan. Kattalin Minerrek atzo eman zuen gertakariaren berri eta transfobiaren indarra nabarmena dela adierazi zuen. Ondarroako Udalak ere transfobiarik gabeko herri aske baten mezua zabaldu du txio bidez.    Ondarroako 15 urteko mutil transexual batek bere buruaz beste egin duela jakin berri dut. Ez dakit nola helarazi nire samina haien familia, gertuko eta herriari.Gaur presente heriotza hau, gaur presente transfobiaren indarra, baina baita ere, gaur presente elkartasun beroena. — Kattalin Miner (@MKattalin) February 15, 2018   Ekai joan zaigu. Pertsona guztiak libre izango garen herri baten alde. Transfobiarik ez. Ez hemen, ez inon. pic.twitter.com/ooUZLYi7GK — Ondarroako Udala (@UdalBarriak) February 16, 2018
news
argia-9b4437dff8ae
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/portu-eta-sarasolaren-tortura-kasuagatik-espainia-zigortu-du-estrasburgok.html
Portu eta Sarasolaren tortura kasuagatik Espainia zigortu du Estrasburgok
ARGIA
2018-02-13 00:00:00
Portu eta Sarasolaren tortura kasuagatik Espainia zigortu du Estrasburgok Giza Eskubideen Europako Epaitegi Estrasburgok zigortu egin du Espainiako Estatua Igor Portu eta Mattin Sarasolaren tortura kasuagatik. Torturaren aurkako Europako Konbentzioaren 3. artikulua urratu duela ebatzi dute. Kalte moralengatik 30.000 eta 20.000 euro eman beharko dizkie Espainiako Estatuak, hurrenez hurren. Portu eta Sarasolaren defentsak Estrasburgora joatea erabaki zuen, Gipuzkoako epaitegiak zigortu egin zituen lau torturatzaileak absolbitzea erabaki zuelako Espainiako Auzitegi Gorenak, eta ondoren, Konstituzio Epaitegiak ez zuelako onartu epai honen aurkako helegiterik. Kartzelan daude egun Igor Portu eta Mattin Sarasola, ETAko kide izatea eta 2006ko abendauren 30ean Barajasko aireportuan egindako atentatuan bi pertsona hil izana egotzita. Atxilotu eta 16 ordura Igor Portu Donostiako ospitaleko zaintza berezietako unitatean sartu behar izan zuten. Birika zulatua, saihets bat hautsita, begi batean hemorragia eta gorputz osoa ubelduraz betea zuen, torturatua izan zela agerian geratuz. Mattin Sarasolak bost eguneko inkomunikazioaren ostean Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean salatu zuen bera ere torturatu egin zutela.
news
argia-758ad33434a8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/680000-pentsionista-baino-gehiago.html
680.000 pentsionista baino gehiago
Juan Mari Arregi
2018-02-25 00:00:00
680.000 pentsionista baino gehiago Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 680.000 pentsionista baino gehiago dira eta horietako askok "miseriazko pentsioak kobratzen dituzte, pobreziaren langaren azpitik daude eta gehienak emakumezkoak dira". Hala salatu dute Hego Euskal Herriko pentsionisten elkarteek. Herri honen %25 den kolektiboa nazkatuta dago erosteko ahalmena nola galtzen duen ikusteaz. Milaka pentsiodun prekarietate erabatekoan bizi da, eta nabarmentzekoa da emakume eta alargunen egoera, normalean 700 euro baino gutxiago kobratzen baitute. Azken asteetan kolektibo hau, babes politiko eta sindikal handirik gabe, bere kabuz mobilizatzen hasi da %0,25eko igoera amorragarri, irrigarri eta kaskarra salatzeko –hilean 2 eta 4 euro artean gehiago–. Aste honetan bertan, hilaren 22an, manifestazioa egingo dute Bilbon, eta pentsionisten plataformek jadanik euren babesa eman diote. Egoera horren arduraduna ez da soilik Rajoyren exekutibo espainiarra; euskal erakundeak ere badira erantzule –Gasteizko eta Iruñeko gobernuak–, mahai gainean baitituzte 80.000 sinadura 1.080 euroko pentsio duina eskatzeko, Europako Karta Sozialak Hego Euskal Herriarentzat ezartzen duena. Baina EAJ, PSOE, UPN eta PPk kontra bozkatu zuten; beste aldera begiratzen duten alderdi eta sindikatuek ere badute erantzukizunik. EAJ, PSOE, UPN eta PPri botoa ematen dioten pentsiodunak ados al daude euren pentsioekin? Pentsatzekoa da zati handi bat ezetz... Orduan, zergatik ez dira pentsiodun denak batzen, euren aukera politikotik landa, eta kalera ateratzen Estatu osoa gelditzeko? Ez ote da ordua iritsi alderdi politikoek, sindikatuek eta mugimendu sozialek greba orokorra deitzeko, hain prekario eta ahul dagoen pentsionisten kolektiboari babesa emateko?
news
argia-55a702e56141
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/zor-bidegabea-gipuzkoan.html
Erraustegia, epaiketak eta desagertutako dokumentuak
Estitxu Eizagirre
2018-02-25 00:00:00
Erraustegia, epaiketak eta desagertutako dokumentuak 40 milioi euro baino gehiago eskatzen dizkiote Ainhoa Intxaurrandietari. Ondo irakurri duzu: 40 milioi euro baino gehiago. Lezoko emakume honi Damoklesen ezpata bezala dabilkio buru gainean edozein pertsona arruntek ordaindu ezin duen kopuru hori. "Okerreko" botoia sakatu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakaria izan zenean, 2011-2015 epealdian: Zubietako erraustegi proiektua gelditu zuten agintaldi hartan eta hori egiteagatik salatu ditu gaur egungo GHK-k, bai bera, bai Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia. Baina hau ez da erraustegiari buruzko auzia: Intxaurrandietaren ustez, epaiketa honetan jokoan dago erakundeen funtzionamenduaz dugun ideia ere. Instituzioek pagatuta egiten diren negozio pribatuen munduaren zatitxo bat erakutsi digu elkarrizketa honetan. Eta kontatu dituenak irakurrita, irakurleak irudika dezake nola jokatzen duten dena lotuta eduki nahi duten botere ekonomiko eta politikoek, norbait haiei aurre egiten ausartzen bada. AINHOA INTXAURRANDIETA: 1973an Lezon jaioa, bertan bizi da. Udaletxeetako administraria da lanbidez. 2011/2015 bitartean Lezoko EH Bilduko zinegotzi izan zen eta  legegintzaldi honetan ere hala da. Zinegotzi zela, San Marko Mankomunitateko lehendakaria eta ondoren GHK-ko eta Hondakinen Konsortzioko lehendakaria izan zen. Argazkia: Dani Blanco. Zu Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) kontsortzioko lehendakari eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu zinetela, 2013an erraustegi proiektua geldiarazi izanagatik eramango zaituzte epaitegira oraingo GHK-k: batzarrak hartu du erabakia eta bertako lehendakari eta Ingurumen diputatu den Jose Ignacio Asensiok egin du proposamena. Baina zuk zera esan izan duzu: "Hau ez da hondakinen arazoa, eta hau ez da Gipuzkoako arazoa". Zer jokatzen da, bada, epaiketa horretan? Madrilen emango den epaiketa horretan, asko dago jokoan eta ez digu soilik Errazkini eta niri eragiten. Batetik, gu bion kontrako mendeku pertsonala dago, eta hau larria da, emandako pauso eta hartutako erabaki guztiak, juridikoki aztertuak eta legea azken muturreraino betez hartu baitziren. Bestetik, eta nire ustez hau da larriena, hurrengo legegintzaldietarako eskuak loturik utzi nahi gaituzte. Jakina da haientzat "estrategikoak" diren azpiegiturek, gehienetan, gizartearen kontrakotasuna pizten dutela. Azpiegitura hauek oso garestiak izaten dira, ehunka eta milaka milioi eurokoak (AHT kasu), ingurumenari kalte izugarriak sortzen dizkiete, eta gainera diru publikoz enpresa pribatuak eta bankuak aberasten dira, herritarrak zorpetuz. Eta  ekidin nahi dutena zera da, "estrategikotzat" dituzten azpiegiturak bertan behera uztea. Hurrengo hauteskundeetan, gobernu ezberdinak lortuta ere, azpiegitura faraoniko horiek ukitu ezin bilakatzea, alegia. Hauxe da Madrilen epaituko dena: herritarrok, desberdin pentsatzen dugun alderdietako kideok, ba ote dugun elite ekonomikoari etekin izugarriak sortzen dizkieten azpiegiturak geratzeko zilegitasunik. Kasu honetan oso argi geratzen da, ezta? EAJk eta PSEk Madrilen salatu gaituzte eta hango auzitegian, gure kasuaren instruktorea, Margarita Mariscal De Gante da, PPko Justizia Ministroa izan zena, Aznar presidente zenean. Argi dugu juridikoki bikain egin genituela gauzak eta beraz, auzia politikoa dela. Zuen bien aurka egin dute, baina zergatik? 2013an erraustegi proiektua gelditzeko erabakia GHK-ko batzarrarena izan bazen (udalak ordezkatzen dituena), zergatik ez orduko batzar osoa auzipetu? Gu biok atera ginen argazkian enpresekin akordioa lortu genuela iragarriz eta erraustegiaren kontratua apurtua zegoela esateko. Uste dut bati baino gehiagori argazki horrek min eman ziola. Administrazio publikoa, enpresen gainetik eta herritarren interesak defendatzeko dagoela erakutsi genuen, eta horrek min egin zuen. Bestetik, Batzarkide guztien kontra joanez gero, hogeitik gora salaketa jarri beharko lituzkete eta horrek ekarriko luke, Gipuzkoako hogei herri baino gehiagotan salatuak egotea. Nik uste dut, herritarren erantzunaren beldur zirela, haserrea nolabait "neurtuagoa" izango zela biren kontra joanda 23 pertsonaren kontra joanda baino. Hori, hala ere, nolabait justifikatu behar zuten eta paperak guztia eusten duenez, Madrilgo Kontu Auzitegian esan zuten beste batzarkideek guk esandakoa bozkatu behar zutela alderdiaren diziplina zorrotza delako eta ezin delako kontrakoa bozkatu. Hau da, beste batzarkideek erraustegiaren kontratua apurtzearen aldeko botoa eman zuten, ezin zutelako guk proposatutakoaren kontra bozkatu. Erabat barregarria. "Epaiketa honetan, Iñaki Errazkinen eta bion kontrako mendeku pertsonala ere badago. Gu biok atera ginen argazkian enpresekin akordioa lortu genuela iragarriz eta erraustegiaren kontratua apurtua zegoela esateko. Argazki horrekin erakutsi genuen administrazio publikoa enpresen gainetik eta herritarren interesak defendatzeko dagoela, eta uste dut bati baino gehiagori argazki horrek min eman ziola". 2013ko azaroaren 13an Ainhoa Intxaurrandieta, Carmelo Aguas (FCCk arduraduna) eta Iñaki Errazkin. Argazkia: Luis Jauregialtzo / Argazki Press Kontatu zer gertatzen den alderdi bat, urte askoan beste alderdi batek gobernatutako erakunde publiko bat kudeatzera sartzen denean. Zerekin egin zenuten topo GHKn? Batetik, dokumentazio ugari falta zela ohartu ginen. Bilera garrantzitsu batzuetako aktetan, beste bilera batzuei egiten zioten erreferentzia, baina bilera horietako aktak falta ziren.  Bestetik, pertsona zoragarriak topatu baditugu ere, beti laguntzeko prest zeuden teknikariak, administrariak eta abar, oztopatzeko zeudenak ere topatu genituen. Gauzak zailtzea zuten helburu eta horrela lan egitea ez da batere erraza. Teknikari batek, esaterako, kontratu bat esleitzeko plegu batzuk prestatu behar zituen, aurreko kontratua agortu zelako. Kontratua, hondakin organikoa garraiatzeko kamioi zerbitzua izango zen, baina Epeleko konpostaje planta eraikitzen ari ginenez, oso epe motzeko kontratua izango zen, urtebetekoa. Pleguak aurkeztu zizkigunean, prezioa oso garestia iruditu zitzaidan, eskandalagarria. Hauek aztertzen hasi nintzenean ordea, aurreko kontratuko kamioiez galdetu nion teknikariari. Esan nion, aurreko sei urteetako kontratuan, erabiltzen ziren kamioien amortizazioa ordaindu genuela eta, beraz, nik ulertzen nuela ordaindutako zatian, kamioiak GHKrenak zirela. Kamioien amortizazioak hori esan nahi zuela, hilero-hilero enpresari ordaintzen zitzaiola kamioi horiek gureganatzeko. Ez zela alokairu bat. Teknikariaren esanetan, amortizazioa alokairu antzeko bat zen, eta nik ezetz. Zerbitzu juridikoari luzatu genion gaia eta aurreko kontratua sakon aztertu ondoren, arrazoi nuela esan zuten. Beraz, aurreko sei urteetan ordaindutakoarekin, trailer oso bat eta bi trailerren erdiak GHKrenak ziren. Izen-aldatzea besterik ez zen falta. Teknikari honi abokatuen esanak jakinarazterakoan, erantzun zidan ordura arte gauzak ez zirela horrela egiten. Berak esandako moduan egiten zirela gauzak. Orduan erantzun nion, ordura arte enpresei kamioiak ordaindu eta kontratu amaieran oparitu egiten zitzaizkiela, eta ez zidan ukatu. Kontratu horren eta beste batzuen gainean egon ez bagina, kamioiak enpresei oparituko zitzaizkien. Teknikari hori, orain, EAJko zinegotzia da. Lehen aipatu dut, dokumentazioa falta zela gu sartu ginenean. Ikusi genuen Eusko Jaurlaritzak emandako Ingurumen Baimen Bateratua, ingurumena babestu asmoz ematen den baimena, eta eraiki behar zen proiektua ez zetozela bat. Baina Jaurlaritzako teknikariekin egindako bileren aktak ere falta ziren. Bilera ugari egin genituen hainbat teknikari eta langilerekin, paperean eta modu digitalean falta zen dokumentazio horren berri izateko. Teknikari batekin izandako bilerek fruitua eman zuten. Errauste plantako zuzendaria izango zen pertsona hau eta gauzak nola egin ziren, nola sinatu ziren kontatu zigun, berak Jaurlaritzan izandako bileretan parte hartu zuelako. Dokumentazioagatik galdetu genionean, bere laneko ordenagailuan kopiak zituela esan zigun eta egun horretan berandu zebilenez, hurrengo egunean CD batean grabatuko zizkigula. Hurrengo goizean, pertsona hau inoiz baino goizago joan zen lanera, goizeko zazpietan, eta CDa grabatzean eskura emango zigula esanaz bere bulegoan sartu zen. Eguerdian, gure bulegoko ate ondotik pasa bazen ere, mugikorrez mezu bat bidali zigun familian ezbehar bat izan zuela eta lanetik irten behar izan zuela esateko, eta grabazioa hurrengo egunean emango zigula. Hurrengo egunean berriz, beste SMS bat bidali zigun gaixorik zegoela esateko. Hau ikusita, bere bulegora joan ginen eta ordenagailua falta zela ohartu ginen. Eraman egin zuen. Telefonoz deitu genion ordenagailua eskatzeko eta erantzun zigun ez zekiela non zegoen, begiratuko zuela ea kotxean zegoen edo ez eta bost minutura deituko zuela berak. Gaur arte. Argazkia: Dani Blanco. Salaketa jarri genion eta 15 egunetara, epaitegian utzi zuen berak ordenagailua. Guk salaketa jarri eta astebetera, berak jarri zuen salaketa GHK-ko konfiantzazko karguen kontra. Bahiketa, torturak, tratu txarrak eta abar leporatu zizkigun. Ez zuen ez hanka ez buru. Zorionez, hainbat epailek ere horrela ikusi zuten, eta epaiketa eta errekurtso guztiak galdu zituen. Urte eta erdi pasa zen ordenagailu famatua eskuratu genuenerako eta Espainiako Estatuan dagoen informatiko forentse adituenetako bati eman genion, ordenagailuan zer gertatu zen azter zezan. Hark egindako txostena oso argia zen: inoiz baino goizago lanera joan zen egun horretan, goizeko zazpiak eta hamahiru minututan, ordenagailuan gordeta zeuden artxiboen ezabaketa hasi zuen. 70.000 artxibo ezabatu zituen, modu seguruan, alegia, berreskura ezin bilakatu zituen. 149 artxibo soilik berreskuratu ahal izan genituen eta hauen garrantzia ikusita, ezabatu zirenak oso garrantzitsuak zirela susma daiteke. Gerora, argi dagoena zera da, berak gure kontrako salaketa jartzea ez zela alferrikakoa izan, bere kontrako epaiketa atzeratzea lortu zuen, ez baitzen urte eta erdian bere kontrako instrukziorik egin ordenagailua lapurtzeagatik. Epaitegietan gaia geldirik egon zen berak bere kontra irteten ziren sententziak errekurritzen zituen bitartean eta 2015eko hauteskundeen ondorioz, EAJk eta PSEk hartu zuten gehiengoa berriro ere GHKn. Eta lehenengo Administrazio Kontseiluko bilerako lehenengo erabakietako bat, pertsona honen kontrako salaketa kentzea izan zen. Bakoitzak atera beharko ditu ondorioak, baina nahiko argi geratzen da zer gertatu zen, ezta? Zer erakutsi dizue berreskuratutako 149 artxibo horietan atzemandako informazioak? Legez, bi azpiegitura mota daude: errauste planta eta balorizazio energetikoko planta. Bien arteko desberdintasuna zein da ordea? Balorizazio energetikoko planta batek, hondakinak "birziklatzen" ditu, energia bilakatuz. Erraustegi batek berriz, zabortegi baten moduan funtzionatzen du, mendi zulo batean hondakinak bota ordez, erre egiten dira. Zubietako errauste plantak  balorizazio energetikorako baimenak zituen. Europako Inbertsio Bankuak emandako mailegua, balorizazio planta bat eraikitzeko eman zuen, ez erraustegi baterako. Nola desberdintzen dira bi azpiegitura motak ordea? Formula matematiko bat aplikatuta, lortzen den energia kopuruak desberdintzen ditu biak. 149 dokumentu horietako bat, Excel liburu bat zen. Lehenengo orrian, formula matematiko hori aplikatuta, emaitzak balorizazio planta bat zela erakusten zuen. Bigarren orrian berriz, aurrekoan "ahaztutako" datu bat gehitzen zuten formulan, plantak sortzen zuen energiari, plantak berak, bere funtzionamendurako behar zuen energia kopurua kentzea alegia. Bigarren orri honetako ondorioak beraz, erraustegi bat zela argi uzten zuen. Horretarako baimenik ez zuten eta jakitun ziren. Beno, hau adibide bat besterik ez da, beste hiruzpalau dokumentu topatu genituen, garrantzi handikoak direnak. Zor ez legitimoaz asko hitz egiten da. Zor publikoa zuek sortu zenutela argudiatzen du salaketak, batetik, erraustegia eraikitzeko kontratua eteteak ekarri zuelako enpersei indemnizazioa ordaintzea eta bestetik, salaketaren argudioen arabera, swapak espekulatibo bihurtu omen zirelako proiektua etetean, ordaintzen jarraitu behar izan direlako mailegua erabili ez arren. Bai, kafkiarra da egoera, baina botereak (hizki larriz) horrela funtzionatzen du. Negozioak ukitzen badizkiozu, zu izango zara beraiek eragindako guztiaren erantzule. Kasu honetan, hori da bilatzen dutena. Nik, hitzetatik harago, dokumentuekin, gauzak nola egin ziren kontatuko dizut kronologikoki. 2011ko otsailaren 3an, Luca Lazzaroli (Europako Inbertsio Bankuko ordezkaria), Markel Olano eta Carlos Ormazabal, erraustegia finantzatzeko 195 milioi euroko mailegua sinatu zutenean. Europako Inbertsio Bankuak (EIB), maileguaren zati handi bat eman zuen eta mailegu txikiago bat Caixak eta Banestok. EIBk mailegua emateko ordea, baldintza batzuk jarri zituen, hauetako bat "erabilitako maileguaren estaldura kontratu" bat izatea zen. Zer esan nahi du honek? Mailegua erabili ahala, erabili den diruaren interesak finko mantenduko dituen "seguru" bat izatera behartu zituen. Garrantzitsua da, EIBk exijitzen zuena erabilitako diruaren gaineko asegurua zela. EAJko eta PSEko ordezkariek ordea, Caixari eta Banestori erosi zizkioten produktuek, ez zuten erabilitako dirua estaltzen. Maileguko dirua erabili edo ez, 600.000 euro ordaindu behar ziren hilero-hilero. Errauste planta egin izan balitz ere ordaindu beharko lirateke, baina jakitun ziren errauste planta egin ezean ere, hilero-hilero ordaindu beharko zela. Eta hau onartu eta sinatu zutenak ez ginen Iñaki Errazkin eta ni izan, EAJko Ingurumen diputatua eta GHK-ko lehendakaria izan zen (Carlos Ormazabal). 2011ko otsailean, Caixak Carlos Ormazabali "Komenigarritasun testa" egin zion swapak kontratatzeko gai ote zen edo ez erabakitzeko. Hainbat galderaren artean, galerak izateko prest ote dagoen galdetzen diote eta baiezkoa erantzuten du. Galera ezberdinen artean aukeratzeko ematen diotenean, era guztietako galerak onartzeko prest dagoela jartzen du. Caixak hori ikusirik, Carlos Ormazabalek produktua ulertzeko gaitasunik ez duela ondorioztatzen du eta produktuak ez sinatzea gomendatzen dio. Astebete pasa ondoren, berriro ere beste test bat egiten dio eta honetan kalifikazioa aldatzen dio. Astebetean, nonbait, kontratu finantzieroak ulertzeko gaitasuna eskuratzen du eta "handizkari" izendatzen dute. Swapak sinatu zituen orduan. Sinatu ziren une berean, 5,6 milioi euroko galerak izan zituen GHK-k, sinatze hutsagatik. Eta ezaguna den moduan, hau ospatu egin zuten. EAJko ordezkari politikoak, Caixa eta Banestoko zuzendariekin jatetxe ezagun batera joan ziren angulak jatera, eta diru publikoarekin ordaindu zuten. Hau da, Caixak eta Banestok, errauste planta egin edo ez egin, maileguko dirua GHKri utzi edo ez, dozenaka milioi euro irabazi zituzten kontratu horrekin eta gainera gu guztiona den diru publikoarekin angulak bazkaltzera gonbidatu zituzten. Baina Ormazabal ez da epailearen aurrera joango, zuek baizik. Zergatik ez zenuten zuek bera epaiketara eraman? Bai, paradoxikoa da epaitegietara zorpetze izugarria ekidin zutenak eramatea, baina horrek ikusarazten digu nola dauden instituzioak, nori begira eta noren menpe jartzen dituzten instituzioak batzuek, ezta? Dena den, guk epaitegietara eraman genituen. Swapen kontra salaketa jarri genien banketxeei eta aholkularitza lanak egin zituen PWCri. Hori ere lotsagarria izan zen. Swapen kontratuek, derrigorrezkoak diren atal ugari falta zituzten eta gainera lehen esan dudan moduan, BEIk eskatutakoa ez zen swap hauekin betetzen. Beste instituzio askok lortu izan dute, Eibarko Udalak kasu, epaitegietan swapak bertan behera uztea. Gure kasuan ordea, ezinezkoa izan zen, EAJko ordezkariek epaitegietan swapak eta bankuak defendatu zituztelako eta guztia ondo egina zegoela eta berriro ere berdina egingo luketela esan zutelako. Beraz, hasiera hasieratik, mailegua erabili edo ez ordaintzera lotu gintuen pertsona berak, epaitegietan ondo sinatua zegoela esan zuen. Eta une horretan bere esku zegoena, swapak bertan behera geratzea, ezinezko bilakatu zuen. GHKren kontrako sententzia atera ondoren, ez zuten errekurritu nahi izan, eta orain, produktu horiek ez ordaintzeko ahaleginak egin genituenoi, salaketa jarri eta guk ordaintzea eskatzen dute. Aurpegia behar da gero! Zergatik jarri zenuten salaketa banketxeen eta PWC asesoriaren aurka eta ez pertsonalki Ormazabalen aurka? Hori da orain zuekin egin dutena, ez? Zuen aurkako epaiketak jurisprudentzia sortzen badu, ez al da ate arriskutsu samarra zabaltzen alderdi politiko guztietako kargu publikoentzat? Gure helburua ez da inoiz mendeku pertsonala izan. Gure helburua gipuzkoar gizarteari dozenaka milioi euro aurreztea izan da beti eta hori lortzeko modu bakarra, epaile batek swapak bertan behera uztea zen, banketxeak salatuz. Gainera, banketxeek eskatzen ez zitzaien produktu bat saldu zuten eta derrigorrezkoak diren baldintzak zehaztu gabe kontratuetan. Zer da zehazki egozten dizuetena? Batetik swapak leporatzen dizkigute, nahiz eta guk ez sinatu hasiera hasieratik kaltegarriak ziren produktu hauek, eta neronek demanda sartu epaitegian produktu hau bertan behera uzteko. Orain, swapak sinatu zituztenek eta epaitegietan defendatu zituztenek, guk ordaintzea nahi dute... Bestetik, enpresei ordaindu beharreko kalte-ordaina ere eskatzen digute. Eta horrek ere badu bere zera. 2011ko hauteskundeak baino astebete lehenago, erraustegia eraikitzeko kontratua sinatu zuten. Kontratua sinatu zutenean jakitun ziren, urtebete lehenago ingeniaritza batek hainbat txostenetan hala jakinarazi zielako, arazoak izango zituztela errauste plantarekin, gaindimentsionatuta zegoelako eta Gipuzkoan hondakin nahikorik sortzen ez zelako. Beste herrialdeekin hitzarmenak sinatzea gomendatu zieten, kanpotik hondakinak ekartzeko. Gaindimentsionatuta zegoela jakin arren, 2011ko maiatzean sinatu zuten eraikitzeko kontratua. Sinatu eta hiru hilabeteko epean,  abuztuan, behin betiko oinarrizko proiektua aurkeztu behar zuten enpresek. 2011ko hauteskundeetan, Bilduk gehiengoa lortu zuen Gipuzkoako instituzio gehienetan, baita Aldundian eta GHKn ere. 2011ko ekainean, kargu berriak hartu genituen udal zein Aldundian. Mankomunitatean eta GHKn ordea, prozesua luzeagoa da eta oraindik ez zen aldaketarik eman. GHK-ko ordezkariak, beraz, funtzioetan zeuden, aldaketa gauzatu bitartean. Abuztuan, FCC, Serbitzu Elkartea, Altuna y Uria eta Murias enpresek, funtzioetan zegoen GHK-ko Administrazio Kontseiluari proiektua aurkezten diote, eta nahiko txapuzeroa zenez eta proiektuak ez zituenez kontratuan zehazten ziren oinarriak betetzen, ez zuten ontzat eman. Une horretan, enpresek kontratua ez betetzeagatik, hauekin zegoen lotura sosik ordaindu gabe eten zitekeen. Bilduko Ingurumen Diputatu Juan Karlos Alduntzinek, GHK-ko lehendakari izango zenak izendapenekin amaitu ondoren, funtzioetan zegoen Carlos Ormazabal GHK-ko lehendakariari (EAJ) esan zion, Gipuzkoako hondakinen sorrera asko gutxitu zela eta gizartearen eta lurraldearen beharrak aztertu arte, kontratua horrela uzteko. Ormazabalek ordea, enpresei bigarren aukera bat eman zien eta hilabete bateko luzapena eman zien berriro ere proiektua aurkezteko. Irailean beraz, berriro ere proiektua aurkeztu zuten. Oraingoan ere, baldintza minimoak ere betetzen ez zituela. Berriro ere epe motzean horrela uzteko eskatu zion GHK-ko lehendakaria izango zenak, funtzioetan zegoen EAJko lehendakariari, lurraldearen beharrak aztertu egin behar zirela eta erabakiak patxadaz hartu behar zirela. Une horretan, enpresek bigarrenez kontratua ez betetzeagatik, zentimorik kobratu gabe gera zitekeen kontratua bertan behera. Berriro ere, beste hirugarren aukera bat ematen zaie enpresei eta bigarren luzapen bat eskaintzen diete, beste hilabete bat behar bezalako proiektua aurkez zezaten. Orduan, eta epeek estututa, GHK-ko teknikariak hasi ziren enpresekin batera proiektua egiten. Tartean, ordenagailua eraman zuen teknikaria. Gaur egun enpresa horietako batean egiten du lan. Urrian, Bilduk proposatutako GHK-ko lehendakaria jarri baino astebete lehenago, proiektua aurkezten dute enpresek eta gabezia nabariak dituela agerian utzi arren, ontzat ematen du funtzioetan zegoen GHK-k. Eta Carlos Ormazabalek sinatu egiten du. Sinadura honek, hainbeste aukera eta hainbeste luzapenen ondoren, esan nahi du enpresek kontratua bete dutela, beraz, nahiz eta gaindimentsionatua zegoen azpiegitura izan, nahiz eta lurraldearen beharrak aldatu, nahiz eta izugarrizko zorpetzea sortu herrialdeari (ingurumenari eta beraz osasunari sortutako kalteak ahaztu gabe noski), kontratua apurtzekotan, enpresei kalte-ordainak jasotzeko eskubidea eman zien. Horixe zen gertatu zena. Gu GHKn sartu ginenean, ekonomikoki ere kaltegarria izango zen azpiegitura bat eraikitzen hasi behar genuen eta hau egin ezean, kalte ordainak blindatuta utzi zizkiguten. Zer egin behar genuen bada? Ingurumena eta osasuna kaltetzeaz gain, Gipuzkoari zorpetze izugarria sortuko zion azpiegitura eraikitzen hasi, eraikitzen hasi aurretik defizitarioa izango zela jakin arren? Zer da zure defentsan esateko daukazuna? Gipuzkoako Batzar Nagusietan erraustegi proiektuaren kontra zegoen Bilduk gehiengorik eduki gabe, zuk, GHK-ko lehendakari moduan bazenuen legitimitaterik erraustegia geldiarazteko? Juridikoki bikain jokatu genuen: kontratuak apurtzeko legeak ezartzen dituen prozedurak jarraitu genituen eta ordain zitekeen kalte-ordainik txikiena ordaindu genuen. Guk ez genuen Arau Forala urratu. Gainera kontratua sinatzeko GHK-ko lehendakariak eskumena bazuen, nola izan daiteke hau apurtzeko GHKko lehendakariak eskumenik ez izatea? Pasa den hilabetean, EAEko Justizia Epaitegi Nagusiak plazaratutako sententziak hau onartzen du, kontratua apurtzeko eskumena bagenuela, eskumena gurea zela, ez beste inorena. Zein da jaso dezakezuen zigorrik handiena, eta zer espero duzu Espainiako Kontu Auzitegiko epaiketa batetik? Jaso dezakegun zigorrik handiena milioi euro askotako zigorra da. Prentsa bitartez zabaldu zen 41 milioi euroko zifra, baina astakeria ikaragarria bada ere, oraindik ere gehiago eskatzen dute demandan. 41 milioi horiek, orain arte swapengatik ordaindu dena eta enpresei ordaindutako kalte ordainen batura dira. Horiez gain, hemendik aurrera swapengatik sortzen diren kalte guztiak ere eskatzen dizkigute, ez dakit, beste 40 bat milioi euro izan daitezke, edo gehiago. Hala ere, zifra horiekin gabiltzala,  40 milioi euro izan edo 80, ez dut uste alde handia dagoenik. Gure ondasunak, hau da, etxebizitza eta bizitza osoko soldatak, enbargatu ditzakete. Baina ez gaitezen aurreratu. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Madrileko epaitegietan esperantza handirik ez badut ere, hain garbi dut gauzak ondo egin genituela, eta Gipuzkoari kalte ikaragarria ekidin geniola, gaiarekin baikor bainago eta gertatzen denaren zain. Politikariak, bankuak, abokatu bufeteak, teknikari funtzionario talde oso bat, enpresak, lobbyak... Zerk elkartzen ditu, zein da euren helburua? Nork agintzen du oinarrian? Lehen aipatu dut nik boterea hizki larriz jartzen dudala normalki. Boterea diodanean, ez naiz Gobernuez ari. Benetako boterea duenaz ari naiz. Eta hauek dira guztiaren aurretik, gainetik, agintzen dutenak. Azkenean, kapitala da guztiaren gainetik duguna gizarte honetan. Bankuek erabakitzen dute, multinazionalek erabakitzen dute. Diru publikoa esku pribatuetara bideratzeko moduaz ari gara. Izugarria da herritarrak, udalak, zein arinkeriarekin zorpetzen gaituzten gutxi batzuk aberasteko. Okerrena da, milioika euroko kontratu horiek, politikariek sinatu eta onartzen dituztela, guztion onerako dela salduz gainera. "Kotxerik ez dabilen Super Surra dugu, hondakinik gabeko erraustegiak eraiki nahi dituzte, AHTrena eskandalagarria da, hasieran errepideetatik kamioiak kentzearekin justifikatu zuten, orain berriz, merkantzietarako ez dela erabiliko diote, ez du denborarik aurreztuko hiriburuen artean, ez du loturarik izango beste hiriburuekin... eta dena berdin. Hau al da azpiegitura 'estrategikoak' izatea? Ingurumenari kristoren sarraskiak eragin eta herritarrak bizitza osorako zorpetu. Estrategikoak dira, enpresariak eta banketxeetako jabeak aberasteko estrategia jarraitzen dutelako soilik". Epe motz-ertainera zer politika publiko espero duzu ezagutuko dugula Hego Euskal Herrian? Oinarrizko zerbitzuak ere pribatizatu egiten dituzte, hobeto funtzionatzen dutenaren aitzakian. Badakigu hori gezurra dela, atzetik dagoena enpresari bat dela etekinak gizartera bueltatu ordez bere patrikak betetzen dituena, baina gainera kopeta galanta dute, gu guztion onerako dela esateko. Azpiegitura "estrategikoak" direla diote, baina egunero ikusten ditugu "estrategikoak" diren azpiegitura horiek kasu askotan alferrikakoak izaten direla. Kotxerik ez dabilen Super Surra dugu, hondakinik gabeko erraustegiak eraiki nahi dituzte, AHTrena eskandalagarria da, hasieran errepideetatik kamioiak kentzearekin justifikatu zuten, orain berriz, merkantzietarako ez dela erabiliko diote, ez du denborarik aurreztuko hiriburuen artean, ez du loturarik izango beste hiriburuekin... eta dena berdin. Hau al da azpiegitura "estrategikoak" izatea? Ingurumenari kristoren sarraskiak eragin eta herritarrak bizitza osorako zorpetu. Estrategikoak dira, enpresariak eta banketxeetako jabeak aberasteko estrategia jarraitzen dutelako soilik. Erakunde publikoetan egin daitekeen politika gero eta lotuago dago? Gizartea eraldatu nahi duten politikariei zer bide geratzen zaie? Oso pertsona baikorra naiz eta pentsatu nahi dut, guztion lanarekin, gauzak aldatuko direla. Ezinbestekoa da ordea, guztiok inplikatzea honetan, guztion lana da. Egoera ez da erraza, eta uste dut gure kontrako salaketa honekin marra gorri asko zeharkatzen direla. Asko dago jokoan, eta ez soilik Iñaki Errazkin eta nire kontrako bizi guztiko zigor ekonomikoa. Hortik harago doa salaketa. Proiektu estrategikoak ukiezin bilakatu nahi dituzte salaketa honekin. Inork ez dezan pentsatu gauzak beste modu batetara egin daitezkeenik eta herritarrontzat kaltegarriak diren azpiegiturak, proiektuak, gelditu daitezkeenik. Beraien helburua, hauteskundeetako emaitzak kontrolatu ezin dituztenez, behintzat beraiek lotuta utzitako proiektuek aurrera egitea da. Inor ez ausartzea proiektu horien kontra. Hori da guzti honetan larriena. Ezin diegu hau egiten utzi. Lobbyen presioak gutxi ez, eta zuen epaiketarekin gehitzen bada pertsonalki zigor ekonomiko itzelak jasotzea, zer ezaugarri edo baldintza behar ditu zure ustez politikari batek, programan hitz emandako neurri ausartak praktikan jartzeko? Ez dakit ausardia behar den. Hautetsi izateko, nik uste dut behar-beharrezko dena, herrigintzan sinestea dela. Herria bizirik dagoen zerbait da eta horren alde eta hori defendatuz egin behar da lan. Ez da erraza ordea, askotan herritarron interesak lehen aipatu dudan botereekin talka egiten baitu, baina hor tinko mantendu behar dugu eta ez utzi nahi dutena ez egiten. Ardura ezberdinak ditugunok edo izan ditugunok, herritarron interesak defendatu behar ditugu. Horrek izan behar du politikan dabilen ororen iparrorratza. Eta zalantzarik gabe, herri bizi eta libre baten alde ilusioz beteta lan egin. Nola ikusten duzu gaur erraustegiaren gaia? Kezkaz ikusten dut errauste plantaren oraingo proiektua. GHK-ko administrazio kontseiluan  EAJ eta PSEko ordezkariak besterik ez daude. EH Bildu Gipuzkoako bigarren indarra izanda ere, ez digute bertan parte hartzen uzten. Legegintzaldi hasieran, bost EAJko kide, bost PSEko kide eta ni gonbidatu ninduten administrazio kontseiluko kide izateko. Lehenengo bi administrazio kontseiluetara joan nintzen eta inolako abisurik gabe, nire postua beste bati eman zioten. Gauzak nola egiten ari diren ikusita, badirudi ez dutela lekukorik nahi, eta horrek kezkatzen nau. Hondakinen tratamentua pribatizatu egin dute eta aurrerantzean, gauzak aldatu ezean, txinatarra den Urbaser enpresari lotu gaituzte. 35 urtetan, gipuzkoarron diruak txinatar enpresa baten etekin ekonomiko izango dira derrigor.
news
argia-0746e8c3fdfc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2588/ricardo-urrizola-historia-artxibo-arakatzailea.html
"Badirudi 36ko Iru�ean pistola, alkohola eta barrabilak zirela nagusi"
Xabier Letona
2018-02-25 00:00:00
"Badirudi 36ko Iru�ean pistola, alkohola eta barrabilak zirela nagusi" Iruñeko Artxibo Militarra arakatu duen lehen historialaria da. Horren fruitu da Consejo de Guerra. Injusticia militar en Navarra, 1936-1940 liburua (Altaffaylla-Txalaparta, 2017), Navarra 1936: de la Esperanza al terror liburu ezagunaren segida. Hark 3.000 hildakoren berri eman zuen. Honek auzitegi militarren ohiko jarduna, gizarte zibila militarren begietatik ikusia eta armadaren erabateko kontrola erakusten ditu. Artxiboan aritzeko emandako laguntzagatik esker oneko hitzak izan dituzu militar batzuentzat. Gustatuko zaie liburua? Ez dakit, joan nintzen esatera noiz aurkeztuko zen, baina ez ziren etorri. Badakite 36ko Gerran puntu beltza dutela. Bartzelonako militar emakume goi-kargudun batekin hitz egin dut honetaz, eta hark dio orduan ere hainbat militar molde zirela eta Francoren aldekoek irabazi zutela. Haiek ere denak ez dira berdinak. Nik lasai egin izan dut lan, inongo arazorik gabe. Zazpi bat urte pasatu dituzu gaia ikertzen eta  militarrean sei hilabete. Nola egiten da lan han? Nafarroako Artxibo Militarrean ez dago kamerarik, orduan soldadu bat egon behar zen nirekin denbora guztian. Esaten zidaten geldoegi nebilela, ezin zutela soldadua izan niretzat denbora guztian, baina nahi nituen argazki guztiak atera nitzakeela. Orduan, astean bi aldiz joanda, 10:00etatik 14:00etara, sei hilabete egin nituen dokumentuei argazkiak egin eta egin bi kamerekin. Gero azterketa osoa etxean egin nuen. Mola jeneralaren idazkari Jose María Iribarren aritu zen defentsa lanetan gerra kontseiluetan eta zera esan zuen: "Altxamenduaren lehen egunetako desmasiak zuzentzeko beharra du defentsa militarrak". Sinesgarria da? Iribarrenek epaiketa asko bizi izan zituen eta astakeria asko ikusi, beraz, gerta liteke bestelako sentiberatasuna izatea, haien artean ere denak ez baitziren berdinak. Defentsarako eskaintzen zizkieten hiru militarren artean bat hautatu behar zuten auzipetuek eta ia beti Iribarren hautatzen zuten. Oker ez  banaiz, esaldia Agoizko gazte baten epaiketan bota zuen: 23 urteko espetxea eskatu zion fiskalak, Iribarrenek absoluzioa eta, azkenean, bi urteko kartzelarekin amaitu zuen. 36ko Gerran 3.000 bat pertsona hil zituzten frankistek Nafarroan, horietatik 40 auzitegi militarrek heriotz-zigorrera zigortu ondoren. Militarren esku erorita bazuten bizirik ateratzeko esperantza bat, falangista edo erreketeen eskuetan erorita ez. Helburua ez hiltzea zen, beraz preso ateraz gero ongi. Gero hainbatetan Ezkabako presondegian libre uzten zituztenean, bigarren errebueltan hiltzen zituzten besteek. Jakina, informazioa militarrek pasatzen zieten. Militarrek 40 hildako bakarrik? Hori ere pentsa dezake norbaitek. Ni ere harrituta gelditu nintzen. "40 bakarrik? Hori esaten badut gizartean jango naute". Eta Emilio Majuelok esan zidan: "Ricardo, zuk hori ikusi duzu, bada idatzi hori eta listo". Armada kolpistak, dena den, bazuen lan zikina nork egin. Bai, noski. Militarrek gerra irabazi nahi zuten, hori zen lehen helburua, gero gainerako guztiak laguntzen bazien dena kontrolatua izaten, hobeto. Azken finean, dena zuten beren kontrolpean, eta karlisten eta erreketeen sarraskiak ere militarren erantzukizuna ziren. Gerra guztietan daude miliziak. Liburuan etengabe aipatzen dira militarren, falangisten eta erreketeen arteko gatazkak eta auziak. Francok falangistak eta erreketeak batu zituen¸ baina lehia handia zegoen haien artean. Nafarroan falangistak gutxi ziren erreketeekin konparatuta, baina boteretsuak. Erreketeek falangistak ia komunista bezala ikusten zituzten. Falangistek boterea nahi zuten batez ere, karlistek Jaungoikoa, Aberria eta Legea; beti aritzen ziren erregearen aldeko oihuekin, eta teorian, armadarentzat hori delitua zen, Francoren aurka jotzea zelako. Oriamendi karlisten himnoa abestea ere debekatua zegoen. Viva España! zen karlisten oihua eta Arriba España! falangistena. Kontseilu militarretan ikusten da akusazio gehienak oinarritzen zirela bizilagunek emandako testigantzetan. Bai, hala zen. Etorkizun hobea lortzeko eta erregimenaren aurrean puntuak irabazteko izaten zen. Oso giro gogorra bizi zen gizartean, bereziki diskurtso ofizialetik pixka bat ateraz gero. Zure ikerketak zer ondorio izatea nahiko zenuke? 36ko Gerrari buruz zerbait gehiago jakitea. Nire lan honetan ez da gogorrena agertzen, hori Navarra 1936: de la esperanza al terror liburuan agertu zen. Hemen azaltzen da Nafarroako bizitza zibila nolakoa zen eta nola kontrolatzen zuten dena militarrek. "Zer moduz aurkitzen ari zarenarekin?" galdetzen zidatenean –tartean hainbat militarrek– nik zera erantzuten nuen: "Badirudi Iruñean garai hartan hiru gauza zirela nagusi: pistola, alkohola eta barrabilak". Asko geratzen da 36ko Gerraz ikertzeko? Militarren zigor auzitegiez gain bazen Erantzukizun Politikoen Auzitegia. Zigor aretoa gainditzen zutenak hara zihoazen eta han zigor ekonomikoa jartzen zieten. Cesar Layanak ikertu du gai hori eta zerbait argitaratzekotan izango da dagoeneko. Ferrolen ere izan nintzen lan honetan eta han 400 kutxa arakatu gabe utzi nituen, unibertsitate batekin egindako hitzarmen bidez ez bazen, esan zidaten ez zidatela utziko kutxa haiek ikusten. Ikerlari batentzat itzela da pentsatzea hori hor dagoela 1936tik ireki gabe.
news
argia-8273620a8870
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/siria-gainean-beroturik-golkoko-hirugarren-gerra-irakiteko-bidean.html
Siria gainean beroturik, Golkoko Hirugarren Gerra irakiteko bidean
Pello Zubiria Kamino
2018-05-27 00:00:00
Siria gainean beroturik, Golkoko Hirugarren Gerra irakiteko bidean Donald Trumpek AEBen aldetik eten duela Iranekin nuklearraz sinatutako tratua, Israelek Irango armadari eraso diola agerian lehenbizikoz eta arma berriekin, aurretik Mendebaldeko potentziek eraso egina ziotela Siriako gobernuari... Ekialde Hurbileko suteen –Palestina, Yemen, Siria– protagonista nagusiek deliberatua dukete haiek itzaltzeko urratsak eman ez eta gasolina gehiago jaurtitzea. Golkoko Hirugarren Gerra baten usaina aipatzea ez dirudi gehiegikeria. "Siriako gatazkaren hariak inoiz baino nahasiagoak ageri dira" idatzi genuen Net Hurbil honetan martxoan. Geroztik, urrats berri bezain larriak eman dituzte protagonistetako batzuek bi hilabeteotan, horregatik duela bi hilabete tituluan ipinitako " Sirian Estatu Islamikoa garaitu badute, zergatik ez da gerra amaitzen? " galderari erantzuten diola dirudi kronika honen izenburuak, Golkoko Hirugarren Gerra irakitetik gero eta hurbilago ageri delako. Askori alarmak piztu zitzaizkion apirilaren 30ean Israelgo armadak zuzenean Irango militarrei eraso zienean, Siriako Haman daukan basea misilez jo, gutxienez 26 iraniar hil eta bertan zeuzkaten misilak suntsituz. Alabaina, operazioak bazituen xehetasun batzuk iradokitzen dutenak Israelen aldetik are probokazio handiagoa izan dela. Richard Silverstein eta Muhammad Sahimik akademiko eta analistek zabaldu dituzte Middle East Eye aldizkari elektronikoan. Antza denez, Israelek Siriara bidalitako misilak ez dituzte jaurti F-16 hegazkinetatik, denek espero bezala, baizik eta itsasotik. Alemaniak eraiki eta finantziatutako Dolphin urpeko ontzietatik aireratu eta Jordaniako lurraldea zeharkatu ondoren lurreratu ziren Sirian, horregatik harrapatu dituzte ezustean siriarrak bezala irandarrak. Apirilaren 30a arte inguruko ezein herrialde arabiar ez sen sekula ausartu Israeli baimenik ematera beste herrialde arabiar bati eraso egin ziezaion. Jordaniak, beraz, Siriaz gain Iran ere ofenditu du, larriago bihurtuz gobernu suniten –Saudi Arabia buru duen eta Jordania barne hartzen duen– blokearen eta Irandarren gidaritzapeko bloke xiitaren arteko etsaigoa. " Dolphin urpeko ontziak erabiltzeko arrazoiak –idatzi dute Silverstein eta Sahimik– bat baino gehiago dira. Netantanyahuk Israelen arerioak (siriarrak, irandarrak eta neurri batean errusiarrak) harritu egin nahi ditu erasorako aukera bat baino gehiago daukala erakutsiz (...) eta Irani erakutsi bere arma berriekin zenbaterainoko kalteak eragin diezazkiokeen: Israelek Iran erasoko balu, edo erasoko duenean, urpeko ontziok paper erabakigarria jokatuko lukete". Israeldik Iranera arteko tartea kontutan harturik, armada juduaren hegazkinek lanak izango lituzkete jomuga irandarrak ondo harrapatzeko. Urpeko ontziak, misilak jaurtitzeko ahalmena edukirik, alternatiba egokia dirudite horretarako. Hain zuzen horregatik, Silverstein eta Sahimik lehendik kritikatua zuten zortzi urpeko ontzi eraikitzeko Alemaniak eta Israelek sinatutako kontratua, eskualdean armen ugaritzea sustatzeaz gain Dolphin ek badutelako arma atomikoak eramateko ahalmena, holokausto nuklearra eragitekoa alegia. Erasoaren aurrean Errusiak jokatu duen paper epela azpimarratu du, berriz, Dan Glazebrook analistak: siriarrek ezin izan dietela aurre egin Israelek igorritako misilei oraindik ez dituztelako eskuratu 2010ean Errusiak agindutako S300 misil berriak. AEBk behin eta berriro erakutsi duten bezala Israelen edozein abentura militarri oniritzia emango diotela, Errusiak ez ei du Iran hain begi-itsuan babesten: Siriako gatazkan egin beharrekoaz ere kalkulu ezberdinak dauzkate, errusiarrek ez dute israeldarrekin gehiegi haserretu nahi... "Eta onartzen badu –oroitarazten dio Glazebrook Errusiari – Irak, Siria eta azkenean Iran suntsitzea, onartzen ari da Errusia bera isolatzea, hari ere noizbait iritsiko baitzaio bere txanda". Sunitak+AEB versus Xiitak+Errusia " Golkoko Hirugarren Gerra prestatzen " titulupean idatzi du maiatzaren 14an bere analisia Michael Klare Bake eta Segurtasun ikasketetako irakasle estatubatuar ezagunak. Honela abiatzen da: "Donald Trumpek jakinarazi duenean Iranekiko hitzarmen nuklearra desegitea, guk denok hasi beharra daukagu galdezka zer ekar dezakeen Golkoko Hirugarren Gerra batek. Erantzuna erakusten digu azken 16 urteotan Amerikak Ekialde Hurbil zabalean daukan esperientziak, hau da, ez dela polita izango". Aurreko biak, 1990ekoa eta 2003ean Iraken inbasioarekin hasitakoa, AEBen garaipenez amaitu omen ziren, baina ordainetan Estatu Islamikoa bezalako mugimendu bortitzen sorrera ekarri, milioika jende sustrairik gabe laga eta Ekialde Hurbil osoa hondamendian amildu zuten. Iranen eta honen aliatuen kontrakoa izango den hirugarrenak, dio Klarek, aurreko biek baino eremu askoz zabalagoa hartuko du, "gudu zelaia hedatuko da Mediterraneoan Libano eta Israel arteko mugatik hasi eta Hormuzeko itsasarteraino, Pertsiar Golkoa Indiako Ozeanora zabaltzen den ingururaino. Borrokan ari daitezke batetik Iran, Baxhar Al Assaden Siria, Libanoko Hezbolah eta Irakeko eta Yemeneko miliziak: Bestetik, Israel, Saudi Arabia, AEBak eta Arabiar Emirerri Elkartuak. Siriako borroka kontrolpetik ateraz gero, Errusiako tropak ere sartu litezke". Zergatik sartu dira AEBak Ekialde Hurbil osoa gerrara hurbiltzen duen eskalada batean? Golkoko aurreko bi gerrek petrolioaren kontrolarekin duten lotura zenbait liburutan aztertua duen Klare irakasleak uste du oraingoaren oinarri nagusia kalkulu geopolitikoetan datzala. Amerikarren horko petrolioarekiko menpekotasuna ez da 1990ean bezain larria, harea bituminoso, fracking eta abarren aurrerapenei esker. Aldiz, aurreko bi gerrek utzi dute, mendebaldeko potentzien estratega askorentzako, Iran buru duen bloke xiita lehen baino sendoagoa den Ekialde Hurbil bat, Saudi Arabiak gidatu eta Israelekin aliantza bitxi bezain sendoa josi duen bloke sunitarekin parez pare. Saudi Arabiak Mohammed bin Salman printzearekin esku hartuta, aldi honetan Netanyahu ari da protagonismo handiz jokatzen, Iran-AEB ituna leher arazten, palestinarrak probokatzen, Irani erasotzen... Honela amaitu du Klarek bere aurreikuspen iluna: "Inork ezin du segurtatu botere handiok Ekialde Hurbileko gerra berri bat noiz lehertuko duten, ezta egingo duten ere. Nahastu daitezke bestelakoak, Koreako afera berriro berotzea Trump eta Kimen artekoa okertzen bada, edo Errusiarekiko krisi berri bat, edo mundu mailako hondoratze ekonomiko berri bat... eta orduan gutxituko litzateke Persiar Golkoko liskar geopolitikoaren indarra. Litekeena da ere aipatu liderrotakoren baten inguruko aldaketaren bat, esaterako Netanyahuk galtzen badu agintea poliziak ikertzen duen bere ustelkeriagatik, Trumpek zer egin lezakeen ere batek daki... Hala ere, horrelakoren bat ez gertatzekotan, badirudi irekita dagoela bidea leher dadin gizadiaren ortzi-muga mehatxatzen duen Golkoko Hirugarren Gerra, zalantzarik gabe erakutsiko duena infernurako bidea dela".
news
argia-9d20af8f8d9a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/perspektibaz-inoiz-baino-gehiago.html
Perspektibaz, inoiz baino gehiago
I�aki Antiguedad
2018-05-27 00:00:00
Perspektibaz, inoiz baino gehiago Heldu da. Heldu behar zen momentua heldu. Luzea izan da azkeneko partea, dinamika askoren mugatzaile sekundarioa. Iraganean da, urtu da erakunde zena. Zer berok urtu duen nork bere kontakizuna, intereseko eztabaidagai dudarik ez, baina urtu. Jakin beharko da kudeatzen iragan hori, eta besteak, baina ezin hori orainaldiaren ardatz jarri. Erakundeak ez direla zertan betirako izan seinale; politikoak ere ez. Helbide izan daitezke, unean unekoak, norabidean asmatu edo ez, baina inoiz ez helburu. Helburuak burujabetza soziala eratzen gauzatzen dira, eta bide horretan era askotako erakundeak helbide behar badira ere, aldian aldikoak, seguruenik bat ere ez da behin betikoa. Eta, beharbada, gaur ez direnak beharko ziren gaur! Ziklo bat amaitu eta denbora berria hasi, omen. Gizarte zibilari begira kosta egiten zait ziklotan pentsatzea. Mugatzaile hartzen dut ziklo hitza, eta denbora berria ere bai Tira! Akabo zooma erakunde zenaren bueltan jartzea, aitzakia edo helduleku. Benetan "denbora berria" zabaldu bada izan dadila "angelu handia" jartzekoa, begirada eta behatoki berrien garaia, gurutze-bide zaharrak utzi eta bestelako bide sozio-politikoak zabaltzekoa. Perspektibaz jokatzeko garaia da, inoiz baino gehiago, helburua egunerokora mugatzen dutenak deseroso utzi arteko perspektiba sozial sinesgarriaz. Pragmatismo eraldatzailea mugatzailearen aurrean. Gizarte politikoaz nago, gizarte zibilaren zatiak beren kabuz ari direlako, aparte.    Ziklo bat amaitu eta denbora berria hasi, omen. Gizarte zibilari begira kosta egiten zait ziklotan pentsatzea. Mugatzaile hartzen dut ziklo hitza, eta denbora berria ere bai. Zentzuzkoagoa zait pentsatzea denbora etengabea dela, eta continuum horretan modu eraginkorrean egiten duguna dela burujabetza sozialera hurbiltzen gaituena. Denbora berria baino gehiago, aukera berriak sortu. Eragin, egin baino gehiago, eragin gizarte zibilean; aldaketek behar dituzten baldintzak gauzatzen joateko eragin, perspektibaz eta pragmatismoaz. Hortaz, eragin egin dezaketen eragile sozialak mugitzeko garaia da, direnena eta ez direnena ere, baina mugitzea ez da nahikoa, beharrezkoa bada ere, aldaketak gauzatu behar dira, trantsizioen bidean izan arren. Gure Esku Dago hor da, gizarte sozialean txalogarri eragiten. Baina datuak datu, zenbat eta herria hiriago izan orduan eta esku-hartzea txikiago izateak pentsarazi behar digu jauzi handiegia dagoela oraindik gizarte zibilaren eta politikoaren artean. Eta hori ez da zikloka konpontzen, perspektibaz eta pragmatismoaz baino, etenik ez denboran. Katalunia gogoan. Iragana izan zenetik gauza asko ikasi daitezke, baina funtsezkoenak orainalditik ikasi behar ditugu eta geroko aldaketen bidean gauzatu.
news
argia-d379f9e6b027
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/hil-ondorengo-mamuak.html
Hil ondorengo mamuak
Joxe Iriarte, Bikila
2018-05-27 00:00:00
Hil ondorengo mamuak ETAk, bere kabuz, hirurogei urteko ibilbideari amaiera eman dio eta oinordeko frankistek, edo gerra zikinak bultzatu zituztenek ez bezala, eragindako kalteei buruzko autokritika egin du. Alabaina, nago, ETAren mamua, Cid Campeador -ena bezala, zenbait esparrutan –gerra dialektikoaren zelaian, besteak beste– erabilia izango dela, etekina ateratzeko asmoz, hain zuzen ere. Literaturan, esate baterako. Aspaldiko salaketa da Euskal Gatazkari buruz gutxi eta ahots apalez hitz egin dugula euskal idazleok, baita oso modu lotsatian idatzi ere. Lelo hori gezur borobila izan arren, bozgorailu interesatuen ahotik mila aldiz errepikatu ondoren, topiko bihurtu da. Izan ere, luzea zen Zu zeu agerkari digitalean "gatazka" delakoaren inguruan argitaratutako zerrenda, eta luzeago egin da. Hirurogei urtetik gorakoek –eta askoz gazteagoek ere–, aldez edo moldez, gatazkaren zurrunbiloan bizi izan dugun garaia horren isla besterik ez da idatzitako guztia, literatura izan, autobiografiak izan, edo bestelako idatzi motak izan. Bestaldetik, non dago nahiko, gutxi edo gehiegi dela neur dezakeen marra? Horrez gain, azala behar da euskal idazleok subentzionatuak garela esateko –Fernando Aranburuk esana–, aldi berean komunikabide nagusien eta boterearen mesedea jaso duen obra baten egilea izanda. ETAk bihotzak irabazi eta elkartasuna erakarri ordez, bazirudien jendearen nazka eta asperdura bereganatzea zuela helburu; horrek, gizartean negoziazioaren aldeko giroa sortuko zuelakoan. Okerrena, guretzat, deriba onartezin harekin ezker abertzaleari ere izugarrizko kalte egin ziola, eta geroz eta argiagoa izan zen, batez ere "sufrimenduaren sozializazioa" aldarrikatu edo teorizatu zutenean Badago zer esan etikaren alorrean. Estatuak bere egiten du indarkeria erabiltzeko zilegitasuna, berak bakarrik baimendu dezakeelarik armak nork erabil, izan indarkeria pribatua (zaintza pribatua) edo hiritarra (milizia), baldin eta ordena burgesa eta jabego pribatua babesteko bada. Aldiz, indarra erreboltaria bada, erabiltzeko moduan erabiltzen duelarik, zanpatzen saiatuko da, izan erakunde armatua, milizia edo pertsona bakana. Ez dago munduan estaturik, ez sistema ekonomikorik, indarkeriari uko egin dionik. Are gehiago, estatu guztiak eta sistema guztiak, demokratikoenak ere, biolentziaren bitartez sortu dira eta horrela iraun ahal izan dute, bai Ameriketako Estatu Batuak, bai Frantziako Estatu-Nazioak, baita gaur egun desagertuta dauden Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak ere (SESB) . Zer esanik ez, Aberriaren batasunaren zaintza armadaren eskuetan uzten duen Espainiako Konstituzioak. Kontua da, beraz, zer-nolako biolentzia erabiltzen den eta zein alorretara mugatzen den. Dena ez baita zilegi ezta onuragarria, etika eta estrategia emantzipatzaile baten ikuspegitik. ETArekiko gure azterketa kritikoa. ETA jaio zenetik bere jarduera amaitutzat eman duen arte, aldaketa estrategiko nabarmenak gauzatu dira, hori ezin uka. Hastapeneko ETAk, helburuak eta bideak hala nola berauek uztartzeari buruzko zalantzak eta balantzak bazituen. Alabaina, denboraren joan-etorrian, ETAren jarduera armatua geroz eta militaristagoa bihurtu zen, estrategia politikoaren kalterako. Bihotzak irabazi eta elkartasuna erakarri ordez, bazirudien jendearen nazka eta asperdura bereganatzea zuela helburu; horrek, gizartean negoziazioaren aldeko giroa sortuko zuelakoan. Okerrena, guretzat, deriba onartezin harekin ezker abertzaleari ere izugarrizko kalte egin ziola, eta geroz eta argiagoa izan zen, batez ere "sufrimenduaren sozializazioa" aldarrikatu edo teorizatu zutenean. Hori horrela azaltzea, ez zen izan  ezkerreko kritikoentzat gozoa. Izan ere, nola bereizi ETAren jardueratik, beste asko ez bezala (EPK, EE) estatua eta sistemaren esparruan harrapaturik izan gabe. Hor zegoen gakoa.     Nola egin aurrera asmatu beharko da, baina, urte luze horietan ikasitakoaz hitz egin gabe, zaila iruditzen zait. n
news
argia-2bdb1ee83b65
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/mendian-ere-euskaraz.html
Zortzi mendi talde eta euskara elkarte baten proposamena
Ainhoa Bretos
2018-05-27 00:00:00
Zortzi mendi talde eta euskara elkarte baten proposamena "Mendian ere euskaraz" egitasmoa aurkeztu dute hainbat mendi taldek maiatzaren 17an, Donostian. Mendian ere euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzea dute helburu nagusia, baita arnasgune hori euskaldun jendeari agerraraztea ere. Horretarako, mendi irteera bateratua antolatu dute maiatzaren 27rako. 2017ko martxoan Mendian Euskaraz izeneko taldea sortu zuten hainbat mendizalek, mendien ondarea euskaraz ezagutu eta euskaltzale guztiei mendian euskaraz bizitzeko eta gozatzeko aukera eskaintzeko. Beste batzuen artean, euskaraz bizi diren edo bizi nahi duten Euskal Herriko, tokian tokiko, mendizale taldeekin harremanak sendotzeko helburua ezarri zuten kideek, eta horri eutsi nahi izan diote egitasmoaren bidez. Taldeko kidea den Edu Zabalak esandakoaren arabera, udazkenean jarri zuten martxan proiektua, eta apurka-apurka gauzatu dute: "Zazpi hilabete inguru iraun dituen prozesua burutu dugu talde euskaldunekin harremanak egiteko, bereziki sare sozialen bidez, baina bide asko erabili ditugu informazioa helarazteko". Prozesuari esker, zehazki, zortzi mendi talde eta euskara elkarte bat batu dira dagoeneko egitasmora: Mendian Euskaraz (Euskal Herria), Marimendi (Euskal Herria), Etzandarri (Lemoiz), Blagan (Hondarribia), Añorga K.K.E (Donostia-Añorga), Mendiak eta Herriak (Euskal Herria), GEUrekin mendira (Gasteiz), Platerotarrak (Donostia-Antigua), eta Begiraleak Kultur Elkartea (Donibane Lohizune). Azaldu dutenez, funtsezkoa da gero eta euskalgune gehiago izatea, "euskarak arnasguneak behar dituelako". Horixe bera da egitasmoaren bitartez eskaini nahi dietena euskaltzale guztiei.   Euskararen arnasguneak Mendian ere Euskaraz egitasmoak duen garrantziaz hitz egiteko orduan, bereziki ideietatik ekintzetara jauzi egitea dela azpimarratu du Zabalak: "Mendian talde asko dabil eta bakoitzak egiten du bere hizkuntza hautua, baina egitasmoaren bitartez, gutxienez, aldaba joko diegu mendizale euskaldunen kontzientziei". Horren eraginez, mendian euskararen presentzia areagotzeko ahalegin berezi bat egingo dute, agian, mendizale euskaldun horiek, Zabalaren iritziz.   Horrez gain, bistaratu eta agerian utzi nahi dute "beharbada askok planteatu ere egin ez dutena". Izan ere, ustez sendoak diren arnasguneak benetan behar bezain sendoak ez direla aipatu du mendizaleak. Hori dela eta, gogoeta egitera eta mendian euskaraz bizitzera gonbidatu ditu euskaltzale sentitzen diren denak: "Azken batean, mendia eta euskara gure ondareak dira eta eutsi egin behar diegu. Ez badiegu eusten badakigu zein den etorkizuna, zoritxarrez".   Egitasmoari hasiera emateko, mendi irteera bateratua antolatu dute maiatzaren 27rako. Nafarroan elkartuko dira aipatutako zortzi mendi taldeak, euskara elkartea eta interesa duten euskaltzale edo mendizaleak. Euskal Herriko erdigune geografikora irteera Euskara hutsean egingo dute maiatzaren 27ko mendi irteera, Lizarragako bentan hasiko da, goizeko bederatzietan, eta Euskal Herriko erdigune geografikoa izango du helburu, Andia mendilerroan. Ibilbideak 22 kilometroko luzera du, eta 200 metroko desnibela. Eguraldi txarra balego, bestalde, beste ibilbide laburrago bat egingo lukete: abiapuntu beretik San Adrian ermitaraino, guztira zortzi kilometroko luzera eta 84 metroko desnibelarekin. Mendizale eta euskaltzale guztiak gonbidatu dituzte ekimen horretara, eta banaka zein taldetan apuntatu daitezkeela azaldu dute. Egitasmoa, bestalde, ez da irteera horrekin amaituko. Zabalak esandakoaren arabera, lehendabizi ikusi eta baloratuko dute nolako erantzuna izan duen. Dena dela, urtero errepikatzeko asmoa dute, maiatzeko azken igandean: "Mantendu nahi dugu egutegian data hori euskaltzale eta mendizaleak elkar daitezen, non eta Nafarroan, Euskal Herriko bihotzean". Horrez gain, ateak zabalik dituztela adierazi du: "Hau prozesu bat da, espero dugu komunikabideen oihartzunaren bidez talde eta norbanako gehiagorengana iristea. Beraz, ez dugu aterik ixten inolaz ere". Beraz, azaldu dute maiatzaren 27a ez dela egun isolatua izango, baizik eta mendizale euskaldun guztientzako deia. Talde guztiek batera "ortzadar zabala" islatzen dutela esan dute, bai geografikoki zein beste esparrutan: "Euskal Herrikoa eta nazioartekoa, emakumeena, gazteena eta umeena, eta bukatzeko, maila lokalean aritzen direnena". Hortaz, bultzatzaileen aniztasuna zabala eta aberatsa dela azaldu dute, eta harremanetan jarraituko dutela mendia eta euskara uztartu nahi duten talde eta norbanakoekin.   Gasteiztarrak Geu-rekin mendira 2015eko otsailean hogei urte bete zituen GEUrekin mendirak. "Orduan, 40 urteko emakume bi ginen Maite Mendiburu eta biok, eta koskortuak genituen seme-alabak. Haiek bakarrik ibiltzen eta irteten hasita zeuden eta, beraz, tarte libreak ere bagenituen guk –dela ostiral arratsaldea nahiz larunbat goiza, esaterako–, eta mendirako baliatzen hasi ginen tarte horiek", dio Bego Ariznabarretak. Eta, behin halako, mendi irteera horietako batean, Maite Mendiburuk Bego Ariznabarretari: "'Euskaldunez osatutako mendi taldea egin beharko genuke'. Maiteren ideia izan zen. Nik baietz esan nion, baina besterik gabe. Ordurako, dena den, Gasteizko GEU euskara elkarteko kide ginen biok eta, hortaz, egun batean, Geu aldizkarian iragarkia jarriko zuela esan zidan Maitek. Eta esan eta egin: 'Halako igandean, goizeko 9:00etan, Txapela taberna aurrean, irteera Ezkibelera'. Ez genekien inor etorriko zen ere, baina 36 lagun bildu ginen!". Maite Mendibururen ideiari jarraitu zitzaion Bego Ariznabarreta, konplize egin ziren lehen ere adiskide eta lagun zirenak, eta handik laster, jendea deitu zuten bilera batera: "Eta talde izaera gorpuztu genuen. Jende mugimendua izan da harrezkero, jakina, batzuk gaizkitu dira, beste batzuek bestelako bideak hartu dituzte, baina talde izaera horri eutsi diogu beti". GEU elkartearen baitako da GEUrekin mendira asmoa sortze beretik: "Atal berezi bat osatu genuen elkartearen barruan eta horrela jarraitzen dugu. Elkartearen jarduera izan gara sortu ginenetik, eta horrela izan nahi dugu luzaro". Testu zati hau 2015eko irailaren 27ko ARGIA astekaritik hartua izan da . Egilea: Miel Anjel Elustondo.
news
argia-1413af53ed3d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/abaraska-proiektua.html
Etxebizitza, auzoaren eragile sozial
Xalba Ramirez
2018-05-27 00:00:00
Etxebizitza, auzoaren eragile sozial Erosi, alokatu eta okupaturen artean, etxebizitzaren arazoari erantzun berri bat ari dira entseatzen Donostiako Abaraska proiektuko kideak. Teilatu batetik harago, ingurua eraldatu eta beste bizi eredu baten oinarria izan daitekeelako jarri dute martxan etxebizitza kooperatiboaren proiektua. Definizio fasea behin igarota, bizitoki izango duten espazioa lortu eta errealitatera salto egiteko aliantzak josten dabiltza. Espainiako Sustapen Ministerioak 2017an argitaratutako datuen arabera, Donostiako etxebizitzak dira estatuko garestienak. Iazko bigarren hiruhilekoan %9,7 hazi zen prezioa aurreko urteko sasoi berarekin alderatuz, metro koadroa 3.436,3 euroraino igoz. Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuei dagokienez Iruñeko etxebizitzen prezioa metro koadroko 1.650,3 euroan dago; Gasteizkoa 1.881,1; eta Bilbokoa 2.268,5. Higiezinen burbuilaren eztandak hasieran prezioen beherakada ekarri zuen arren, orain gora eta gora ari dira, turismoari lotutako espekulazioa lagun. Langabezia jaitsi egin da, baina langile behartsuen kopurua igo. Eta etxebizitza eskubidea izatea inoiz baino zailagoa da, ezinezkoa hainbat hiri eta auzotan.     Errealitate horri aurre egiteko sortu da Abaraska proiektua, Donostian etxebizitza kooperatibo bat sortzea helburu. Atzizkiak badu garrantzia Maite Leturia Nabaroa, Ana Revuelta Andrés eta Nahiko Arraiza Eguillor-entzat: etxebizitza kooperatiba batetik harago doa, baina ez da soilik etxe kolaboratiboa. "Bi hitzak nahastuta, gustatzen zaigun kontzeptua sortu dugu". Bi astean behin biltzen dira M-Etxea kolektiboak Loiolako Erriberetan duen lokalean.Duela bi ikasturte toki horretan Bartzelonako La Col kooperatibako kide batek hitzaldia eskaini zuen Kataluniako hirian martxan zuten La Borda eraikinaz; hori izan zen Donostiako proiektuaren abiaburu. (Arg.: Dani Blanco) Duela bi ikasturte sortu zen proiektua. M-etxea kolektiboak Loiolako Erriberetan (Donostia) duen lokalean hitzaldia eskaini zuen Bartzelonako Sants auzoko La Col kooperatibako Carles Baiges-ek; martxan zuten La Borda proiektua aurkeztu zuen bertan, eta Arraiza eta beste lau lagun Donostian horrelako zerbait egin behar zutela iritzita biltzen hasi ziren. "Bartzelonan posible bada, Donostian ere. Hortik abiatu ginen, eta ikusi genuen baietz, bai lege aldetik, baita espazio aldetik ere, Donostian bideragarria dela mota horretako proiektua. Inguruan ideia zabaltzen hasi ginen eta azkar batean 30 laguneko taldea sortu genuen", dio Arraizak. Kaxilda liburu-dendan 2017ko irailean egindako aurkezpenean, taldea egonkortu eta lantaldeak sortzen hasi ziren. Leturiarentzat, oraingo prozesua da garrantzitsuena, eraikina lortu bitarteko eztabaida eta definizio guztiak ematea, alegia. "Taldea da guztiaren oinarria, eta orain hori ari gara lantzen. Masa ez badago ondo, eta masa gu gara, proiektuak ezin du funtzionatu". Baina zer da etxebizitza kooperatibo bat? Esan bezala, izaera juridikotik harago joan nahi dute, eta bizi eredua jarri erdigunean: "Antolamendu eta kudeaketa kooperatiboa bultzatzen dugu, bai gure etorkizuneko bizimoduari dagokionez, baita helburu hau lortzeko egiteko dugun bidean zehar ere". Ana Revuelta Andrés (Abaraskako kidea): "Donostian etxebizitza arazo bihurtu da urteetako espekulazioagatik, turismoagatik eta lanpostu prekarioengatik. Baina gainera, Mendebaldeko gizartea egungo hirietan nola bizi den kezkatzen gaitu; bizilagunekin ez dugu harremanik" Etxebizitza eragile izatea ere nahi dute, eta horretarako hainbat balioren arabera eztabaidatu eta eraikitzen ari dira proiektua. Interneten eskuragarri duten ennealogo -aren arabera (9 puntuko dekalogoa) bizi eredu inklusiboa, belaunaldiartekoa, feminista, ekologista, jasangarria, soziala eta euskalduna bultzatzen duen komunitate gisa definitzen dute proiektua. Azken finean, "gure larruan bizi dugun etxebizitzaren arazoari Donostiako hirigunean aldaketa erreal bat planteatu, bultzatu eta aldarrikatzeko kolektiboa" direla argi utzi dute. Revueltaren ustez "Donostian etxebizitza arazo bihurtu da urteetako espekulazioagatik, turismoagatik eta lanpostu prekarioengatik. Baina gainera, behin honaino iritsita, Mendebaldeko gizartea egungo hirietan nola bizi garen kezkatzen gaitu. Bizilagunekin ez dugu harremanik, badakigulako edozein unetan utzi beharko dugula etxea". Leturiak ere argi du "bizilagunak baino, bizi-lagunak nahi ditugu, komunitate baten parte izan nahi dugu. Beraz, proiektu honetatik interesgarria iruditzen zaigu era kolektiboan eraikitzea bai, baina era kolektiboan bizi nahi izatea. Horregatik, erabaki nahi dugu guztia taldean". Ildo horri segituz, arkitektura zurruna eta biguna bereizten dituzte Abaraskako kideek. Arkitektura zurrunari dagozkio eraikinaren gaineko eztabaidak: nolakoa izango den, zein material erabiliko diren edo espazioak nola banatuko diren. Arkitektura bigunari dagokionean kolektibotasunari zein espazio eman nahi zaizkion, auzoarentzako zein gune nahi diren edo zer bizikidetza mota eraman nahi den hausnartzen dute. Arraizaren esanetan, "gure buruak indartzeko prozesua izan behar da. Eraikin bat eraikitzeko gai bagara sozialki indar handia garatzen dugu, eta ingurunea eraldatzeko aukera handiagoa daukagu". "Etxebizitza lortuko ez bagenu ere –gehitu du Leturiak– mugimendu bezala mantentzea beharrezkoa da". La Borda eredu Uda baino lehen eraikita espero dute La Borda etxe kooperatiba. Bartzelonako Sants auzoko proiektu aitzindari hau 2016an hasi ziren eraikitzen, auzoko behar komun batetik abiatuta, bertako sare komunitarioa lagun. La Col kooperatibaren dinamizazioa, Can Battló espazio sozialak eskaintzen zuen logistika eta Coop57ren finantziazioa izan dira proiektuaren funtsa. Eraikitzen ari diren etxearen espazio komunitarioak lehen solairuan izango dira: 40 m2-ko sukalde-jantokia, garbigailu gela, erabilera anitzeko gela eta osasun eta zaintza gelak izango ditu. Uda baino lehenago amaituta izango dute Bartzelonako Sants auzoan eraikitzen ari diren La Borda etxe kooperatiba. Egurrez egina dago eta espazio komunitarioak izango ditu: 40 metro koadroko sukalde-jantokia, garbigailu gela, erabilera anitzerako aretoa eta osasun eta zaintza gelak. (Arg.: La Col kooperatiba) Bartzelonako Udalak 75 urterako lagatako lur publikoetan egongo da eraikina –babes ofizialeko etxebizitzek dituzten baldintza berdinetan" gogorarazi digu Leturiak–. Bazkideek eraikinaren erabilera eskubidea izateko 18.500 euroko ekarpena egin behar dute eta ondoren hileko kuota bat pagatzen da, 450 euro ingurukoa. Proiektutik atera nahi duenak hasieran jarritakoa berreskuratzeko aukera du. Hiru milioi euro inguru balio du obrak. %20 erabiltzaileek jarri dute, %60 Coop57k emandako kreditu eta kooperatibako parte-hartze tituluak dira, eta gainontzekoa diru-laguntzak, norbanakoen eta ekonomia sozialeko erakundeen ekarpenak izan dira. Euskal Herrian, erabilera lagapenaren eredua ezaguna da babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko. Danimarka, Uruguai eta antzeko herrietan etxebizitza kooperatibentzat ere erabiltzen dute sistema. Danimarkan Andel eredua gisa ezagutzen denaren 125.000 etxebizitza kooperatiba daude, 1911tik gaur egun arte eraikiak. Uruguain berriz, Elkar Laguntza bidezko Etxebizitza Kooperatiben Federazioaren (FUCVAM) barruan daude 20.000 etxebizitza, 3 milioi laguneko herrian. Maite Leturia Nabarroa (Abaraskako kidea): "Beti dugu presente eragile sozial bat izango garela, auzokideekin harremana edukiko duen agentea. Auzoko ehun komunitarioarekin elkarlan estua nahi dugu, eta horretan oinarrituko dira gure erabaki asko" Bizilagunak kooperatibako bazkideak dira, eta bizitza osoan bizi daitezke bertan. Ereduaren ezaugarri nagusia da, espekulatzeko aukera blokeatzen duela: bazkideek ezin dute saldu ez alokatu, asanbladak jarritako prezioen gainetik. Arraizak ohartarazi du Danimarkan eskuin muturraren gorakadarekin legedia liberalizatu egin dela, hala, zenbait kasutan bizilagun guztiek akzioak garestitzearen alde egin dute: "Berrikusi egin behar den arren, hala ere oraingoz eredu hau da interesgarriena guretzat". Zaintza erdigunean La Borda proiektuaren ezaugarri nagusietako bat izan da zaintza etxebizitza ereduaren erdigunean mantentzea. Zaintza ez dutelako ulertzen norberak bere etxean egiteko –eta gehienetan emakumearengan delegatu– zeregin bezala, baizik eta komunitate osoak erantzun beharreko erronka gisa. Arkitektura zurruna eta biguna bereizten dituzte Abaraskako kideek. Zurrunari dagozkio eraikinaren gaineko eztabaidak, eta bigunarekin hausnartzen dute kolektibotasunari zer espazio eman nahi dioten, auzoarentzat zein gune izango den edo zer bizikidetza mota eraman nahi luketen (Arg.: Dani Blanco). Hori bermatu ahal izateko, sorreratik bertatik La Col kooperatibak garatutako parte-hartze prozesuan hitza eman diote identitate eta familia eredu askori, denen beharren araberakoa izan dadin. Haur eta zaharrenek beren ikuspegi zehatza gehitu ahal izan dute, espazioak guztien beharrei erantzun diezaion. Abaraskan taldekide gehienek antzeko ezaugarriak dituzte. Badira haurrak dituzten familiak, baina gehienak 25-40 urte bitarteko gazteak dira, ikasketa maila altukoak eta euskaldunak gehienak. "Azken finean, lagunak eta lagunen lagunak gara taldekoak, eta garrantzitsua da lehen fasean horrela izatea, elkarrekin egoteko gogo handia behar da-eta hainbeste lan egiteko", dio Revueltak. "Baina egia da heterogeneitatea garrantzitsua dela, eta hori presente dugu eztabaidetan, ez dugu irla moduko bat izan nahi".. Honelako proiektuak baztertzaileak direla-eta oso kritiko agertu zen Bartzelonako CUP-Capgirem alderdia Bartzelonako Udalarekin, polemika itzela sortuz: "Barrera ekonomiko ikusezin bat sortzen du etxebizitza eskubidea lortzeko", zioen erakunde antikapitalistak. Ados dago hein batean Arraiza: "Tamalez, planteatzen ari garen eredua ez da jende guztiarentzat bideragarria. Etxebizitza modu merkeagoan eskuratzeko bide bat den arren ezin da alternatiba bakarra izan".   Errenterian ere bide berrien bila Errenteriako Udalak (EH Bildu) gazteekin egindako parte-hartze prozesu batean emantzipazioa agertu zen herriko kezka nagusi. Itziar Ostolaza gazteria zinegotziaren arabera "gazte gutxik erosi edo alokatu dezake etxebizitza bat herrian, eta horregatik beste eredu bat jarri nahi izan dugu mahai gainean, alokairua zein erosketa gaindituko dituena". 2018ko udazkenean eman ahal izango dute izena Oreretako 26 gaztek udalerriko lehen etxebizitza komunitarioan bizi ahal izateko. Alokairu sozialekin gertatu ez bezala, soldataren %15 ordaindu beharko dute gazteek "egungo soldata prekarioekin %30 ordainduz gero, bizitzeko adina ere ez luke izango gazte askok", dio zinegotziak. Bost bilera eta jardunalditan izan diren 68 gazteen iritziekin finkatu dira proiektuaren oinarriak. Errenterian erroldatutako 18 eta 30 urte bitarteko gazteei irekita egongo da, hiru urtez izango dute bertan bizitzeko eskubidea eta konpromiso soziala erakutsi beharko dute jardueren antolaketan eta auzolanean –hilean gutxienez 9 ordu–, besteak beste. Eraikina obretan dago jada eta zazpi etxebizitza izango ditu gazte guztientzat. "Espazio pribatu ahalik eta gutxien izaten saiatu gara, komunitarioen mesedetan. Azken finean behar pertsonalak bai, baina behar sozialak ditugu guztiok, eta bizi ereduak horri erantzun behar dio". Ostolazarentzat "esperimentu polita" da, hazitegi moduko bat: "Diruaz gain, gazteek komunitateari eskaintzen dioten lana izango da oinarri garrantzitsu bat, eta horrek herrian sortzen diren harreman sozialak eraldatzea ekar dezake. Etxebizitza komunitarioan landatzen den hazia beste nonbait ernatu daiteke". Euskal Herrian emantzipaziorako alternatibak sortzen ari dira apurka. Errenteriako etxebizitza komunitarioaren proiektua udalak sustatu du eta prozesu parte-hartzaile baten bidez definitu dute. Udazkenetik aurrera eman ahal izango dute izena 18 eta 30 urte bitarteko gazteek bertan bizi ahal izateko. (Arg.: Errenteriako Udala) Auzoarekin elkarlanean La Bordako ereduarekin alderatuta, Abaraskako kideek badute kezka bat: "Sants auzoan errotuta sortu zen proiektu hura, eta guk oraindik ez dugu espaziorik". Leturiaren arabera "beti presente dugu eragile sozial bat izango garela, auzokideekin harremana edukiko duen agentea izango garela. Beraz, auzoa erabakitzen dugunean bertako ehun komunitarioarekin elkarlan estua eraiki nahi dugu, eta horretan oinarrituko dira gure erabaki asko". Horretarako eragile eta erakundeekin elkarlana sustatzen ari dira: "Hainbat lantalde sortu dugu, tartean kanpo harremanetarakoa, eta eragile sozial eta ordezkari instituzionalekin ari gara biltzen. Orain arte ez digu inork ezezkorik eman, baina ez dakigu noraino konprometitu daitezkeen", dio Revueltak. "Eskatzen ari garena babes ofizialeko etxebizitzei eskaintzen zaien bera da. Lagapena 75 urtez lehiaketa publiko bidez. Lehiaketa horietan ordea, irizpide ekonomikoez gain, irizpide sozialak ere hartu beharko lirateke kontuan". Argi dute aurretik lan handia geratzen dela. Erdi umorez erdi serio dio Leturiak: "Jende askok esaten digu: 'Etxea eraikitzen duzuenean deitu!'. Ba ez. Hau ez da zerbitzu kooperatiba bat. Lana egin beharko dugu, eta nahi dugu horren alde borrokatu. Eta lortzen dugunean, denon garaipena delako egongo da denontzat irekia. Baina bitartean lan handia dugu aurretik". Etxebizitza ez da arazo indibiduala, eta ez diote bakartasunetik aurre egin nahi. Kolektiboki erantzun nahi duenak badu aukera: bi astetik behin egiten dituzte bilerak.
news
argia-5f38824e02a3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/lehen-eta-azken-telegramak.html
Lehen eta azken telegramak
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-05-27 00:00:00
Lehen eta azken telegramak Washington (AEB), 1844ko maiatzaren 24a. Samuel Morsek lehen telegrama bidali zion Baltimoren zegoen Albert Vail laguntzaileari, eta hark atzera Morseri bidaltzea lortu zuen 19 letraz osatutako Bibliako pasartea. Horrenbestez, telegrafia elektrikoaren aroa abiatu zen. Baina ez zen hura lehen "telegrama" izan, hitzaren etimologia grekoari erreparatuz gero: tele (urruti), graphein (idatzi, grabatu) eta -ma atzizkia (ekintzaren emaitza). Aspaldi hasi zen gizakia mezuak, euskarri fisikoan eraman gabe, urrutira bidaltzen. Sistema batzuek entzumena erabiltzen zuten horretarako. Pertsiako errege Dario I.ak (K.a 522-486), Indiatik Danubiora iristen zen inperio zabalean mezuak bidaltzeko, ahots eta birika oneko menpekoak erabiltzen zituen mezuak batetik bestera oihukatzeko. Jende asko eskatzen zuen horrek, gehienez ere 200 metroko distantzian egon behar baitzuten oihulariek. Eta haizeak kontra gogor jotzen zuenean ez zen eraginkorra, ezta mezu sekretuak bidaltzeko ere. Gerora, kanpaiak eta antzeko tresnak erabiliko ziren hotsak urrunago irits zitezen. Baina berehala ikusmena erabiltzen zuten sistemak gailendu ziren. Greziarrak eta kartagotarrak sua erabiltzen hasi ziren. Gero, erromatarrek eta inkek kea erabiliko zuten mezu zehatzagoak bidaltzeko. Eta kezko mezuen sistema nagusitu zen Erdi Aroko eta Aro Modernoko Europan ere. 1588an, Espainiako Itsas Armada Garaiezina Ingalaterrako kostaldera hurbildu zenean, ingelesek Plymouthetik ikusi zituzten ontziak eta handik ordu erdira iritsi zen Londresera berria, keari esker. Baina sistema horiek ezin ditugu telegrafia optikotzat jo, kode arautu eta bateraturik ez zutelako erabiltzen. Baldintza horiek betetzen zituen lehen sistema Frantzian ezarri zuen Claude Chappé d'Auteroche-k 1792an. Goragune edo dorreetan erloju modukoak jartzean zetzan. Orratzak, ordua adierazi beharrean, zeinuak seinalatzen zituen banan-banan, pixkanaka mezua osatzen joateko. Berehala, nahi beste angelutan okertzen zen hagak ordezkatu zuen "erlojua", eta angeluak interpretatuz irakurtzen ziren mezuak. " Telégraph " hitza ere orduan erabili zen lehenengoz. Sistema mende erdi inguru egon zen martxan, telegrafia lineen sarea ia 5.000 km-ra iritsi zen, 534 estazio zituen eta 30 hiri lotzen zituen Paris hiriburuarekin. Beste herrialde batzuetan ere antzeko sistemak abiarazi zituzten –esaterako, Jose Maria Mathé ingeniari donostiarrak Espainian ezarritakoa–, harik eta elektrizitateak eta Morsek  iraultza ekarri zuten arte. Telekomunikazioetan 1844an piztutako argi hori pixkanaka itzaltzen ari da. Frantzian, 2005ean 900.000 telegrama bidali ziren, iaz 38.000, eta azken telegrama joan den apirilaren 30ean bidali zuten.
news
argia-c18c66e8cb1b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/lazkaoko-enpaundi-baserria.html
Ofizio zaharrak berreskuratzen
I�aki Sanz-Azkue
2018-05-27 00:00:00
Ofizio zaharrak berreskuratzen Euskal Herriko beste hainbat lekutan gertatu den moduan, etxeek hartu dituzte Lazkaon lehenago soro eta baratze ziren lurrak. Asfaltoak, zementuak, kultura hiritarrak, Enpaundi baserria inguratu dute. Baina Garin sendiaren hormen artean, oraindik, baserriak ez du izana galdu. Herriari bizkar eman gabe, baserriaren kultura taupaka ari da Enpaundin. Lazkaon Basherri Eguna egiten denetik, urtero langintza bat berreskuratzen dute, eta baserriko eguneroko lanetarako erabili. Esku trebeen eta sormen handiaren emaitza dira. Iraila amaieran, urtero-urtero, baserriari loturiko ofizio zahar bat erakusten dute garindarrek Lazkaoko Basherri Egunean. Baserriarekiko duten maitasunak bultzatuta eta arbasoengandik jaso duten ondarea erakutsi nahian, Lazkaoko plaza bihurtu dute euren erakustoki, eta Enpaundi, dagoeneko galdu diren ofizioak berreskuratzeko "laborategi" txikia. Julio Caro Barojak berak, baita historian zehar aritutako hainbat euskal etnografo ezagunek ere jaso izan dituzte ofizio hauei buruzkoak; eta idatzi dituzte liburuak eta txostenak. Enpaundin, ordea, prozesua zerotik hasten da: baserrian ikusitakoa, aiton-amonei entzundakoa oinarri hartuta, informazioa eta lehengaiak bilatzen dituzte, eta euren afizioa ikusgarri egiten dute. Ez da paperik; ez da boligraforik; sortu egiten dute. Egurra, harria, metala landuz, ofizio bati zegozkion pausu eta erreminta guztiak sortzen edo berregiten dituzte. Isilpean gordetako artisauak dira. María Elena, Juan Joxe eta Mari Carmen Garin, 2017ko Basherri egunean Lazkaoko frontoian egin zitzaien omenaldian. Arian-arian xehetzen da burdina Eta halaxe, Enpaundi baserriko Juan Joxe Garin, bere emazte María Elena eta arreba Mari Carmenen laguntzarekin, arian-arian, urtez urte, eguneroko lanarekin joan da hainbat ofizio, erreminta zahar eta ohitura berreskuratzen. Hauek egiteko denbora nondik ateratzen duten galdetuta, eurek garbi dute erantzuna: "Denbora denean aritu behar". 2012an lehendabiziko Basherri Eguna ospatu zenean egin zuten aurreneko erakusketa. Orduan, artoa aletu eta txikitzeko makinak erakutsi zituzten. "Txikitan artoa ereiten genuen baserrian, eta aitak bazituen horiek aletu eta txikitzeko makinak", esan digu Juan Joxek. "Guk bagenekien nolakoak ziren makina horiek, eta 2012rako berreskuratu eta hobetu egin genituen. Egurra ere gure lursaileko arbola batetik atera eta hori erabili genuen zaharberritzeko. Erabiltzen dugun egur guztia baserri ingurutik hartutakoa da; geurea". Enpaundiko erriberan oraindik ere ikus daitezke arto-sailak. Artaburua hartu, eta gure aurrean egin du froga. Artaburua osorik sartu du artoa aletzeko makinan, eta eskuzko bidera bati eman ostean, aleak alde batetik eta artaburu zuritua bestetik atera dira. "Arto ale hauek artoa txikitzeko makinan sartzen ditugu, eta txiki-txiki eginda ateratzen dira. Ondoren oiloei jaten emateko erabiltzen ditugu. Berreskuratu ez ezik, erabili ere egiten dugu makina zaharra!". 2013an haria egiteko prozesua hasieratik bukaeraraino egin zuten. "Aitonari ikusitakoarekin, eta inguruko jendeari eta artzain helduenei galdezka, urte osoa aritu ginen ikasten. Haria egiteko kardak berreskuratu genituen eta egurrezko kabilak egin genituen". Artiletik galtzerdiak sortzerainoko prozesua egin zuten plazan. "Galtzerdiak egiten ere ikasi behar izan genuen…". Hori gutxi balitz, prozesu horren guztiaren erakusketarako enbor bakarretik ateratako mahaia eta aulkiak egin zituzten; eta baita plazara eraman ere! 2014an garia hartu zuten gai. "Guk ezagutu genuen garia Enpaundin. Oso garrantzitsua zen ogia egiteko". Garindarrek garia baserriko erriberan landatu ostean, jaso, eta garai batean egiten zen moduan, "balatan" jarri zuten 2014an. Ondoren, etxean ikasi bezala, gari-sortak jo egin behar ziren, eta horretarako, arbelezko harri bati forma eman zioten. Hortik aleak askatzen ziren. Baina urte hartan lan gehien eman ziena haizatzailea egitea izan zen. "Gari-aleak bertan sartu, nahi duzun neurriko sarea jarri, eta haizea eman behar zaio alea dagoen sareari. Honela, gari-aleen azalak haizearekin alde egiten du, eta aleak saretik behera pasatzen dira, bertan biltzeko". 2015ean ere ez zen nolanahikoa hartu zuten erronka, eta garai batean lixiba egiteko erabiltzen zen modua berreskuratu zuten. "Etxean bagenuen lixiba-harri bat, baina lapurtu egin ziguten. Guk ezagutzen genuen lixiba egiteko prozesua, nahiz eta gurean sekula ikusi ez".  Horretarako harri blokea erosi, eta lixiba-harria egin zuen Juan Joxek. Horrek gainean tina izaten zuen, eta "hau ere guk egin genuen". Lihoz eginiko arpila izeneko zapia eta harraska ere eurek sortu zituzten, prozesua goitik behera nola egiten zen erakusteko. 2016an erreminta zaharrak zorrozteko "deztera" egin zuten: "Harri egokia lortzea zen garrantzitsua. Dezterak hareharrizkoa behar zuen eta garai batean onenak Igeldon egiten zirela ere bagenekien. Azkenean lortu genuen harri egokia deztera egiteko, baita oinarria egiteko ere. Deztera hareharrizkoa bazen ere, oinarria kareharriz egina zen. Hareharrian hankarekin mugitzeko pedala ere jarri genion, etxeko akazia baten egurrarekin egina". Baserriko erreminta ezberdinen miniaturak, Juan Joxek eginak. Eskuak orainean, burua etorkizunean Baserriko ofizio zaharrekiko maitasun eta artisaugintzarako berezko trebetasunari esker, Enpaundi baserria urte gutxian nahigabeko museo txikia bihurtu da. Lazkaoko plazan euren lanak erakusten jarri aurretik, dagoeneko, Juan Joxek baserriko erreminta zaharren egurrezko eta burdinazko miniaturak eginak zituen, eta guztiak koadro baten barruan dituzte gordeak, txukun-txukun, izen eta guzti jarriak. Egurrezko idi-parea, uztarriarekin eta gurdiarekin ere eginak dituzte tamaina txikian, eta ikusgai etxeko gune preziatuenean, berreskuratu dituzten makinen miniaturekin batera. Ideia batek bestea dakar atzetik, eta garindarren burua orainari bezala dago etorkizunari begira. Duela bi urte Juan Joxek errota txiki bat sortu behar zuela pentsatu zuen. Lazkaoko plazan erakusteko ez ezik, etxeko artoa irin bihurtzeko ere lagunduko zion errota sortu nahi zuen. Erronka handi horri eutsi eta espezialistei galdezka hasi zen, eta hara eta hona, beharrezko lehengaiak bilatzen. Egurra bazuen, euren basotik ateratakoa, baina errotarriak egiteko harria zen garrantzitsuena. Bila hasi zen, eta azkenean Nafarroan lortu zuen harri bloke egokia. Urte hauetan jo eta su ibili da lanean; eta orain bai, harro esan dezake errota ere amaitu duela. Ezkerretara ikusten da Enpaundi. Gertu, baina aparte zegoen herria. Egun, Enpaundik leku berean jarraitzen du; baserria ez da mugitu; baina herria bai; herria hazi egin da; zabaldu. Enpaundi herri barruan dago jada; herriak irentsi du. Baserriak zutik iraun dezan Enpaundi baserritik ateratzean, parez pare topatu dugu saihesbidea. Eta berriro ere errealitatera bueltatu gara. Patxadaz izandako solasaldia utzi, eta ero moduan presaka bizi den gizartera itzuli gara. Kotxeak kotxeen atzetik aurrera doazen bitartean, Enpaundiko sarreran dauden garoz eta lastoz eginiko bi meta perfektuak atzean utzi ditugu; kanpotik datorrenari nora datorren abisatu nahi baliote bezala. Herriari itsatsita, baina baserriak zutik darrai. Juan Joxe Garinen oroimenean Gaixotasun luze baten ostean, erreportaje hau argitaratu baino lehenago joan zaigu betirako Juan Joxe Garin. 2018ko hasiera euritsua bezain tristea izan da Lazkaoko Enpaundi baserrian. Ostarteak zabaltzen diren momentuan jabetuko gara guztiok Juan Joxek utzi digun ondare zoragarriaz. Eta urteak bere zikloa jarraituko du, eta itzuliko da berriro ere iraileko Basherri Eguna, 2018koa. Udak argituko omen du Enpaundikoak plazara itzuliko diren ala ez; hori esan digu Mari Carmenek. Berak, baina, gogoa baduela dio. Anaiari eginiko omenaldirik ederrena litzateke.
news
argia-8b62564a2ddd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/preso-ohiei-ondasuna-kentzeko-operazioa-abiatu-du-guardia-zibilak.html
Preso ohiei ondasuna kentzeko operazioa abiatu du Guardia Zibilak
ARGIA
2018-05-17 00:00:00
Preso ohiei ondasuna kentzeko operazioa abiatu du Guardia Zibilak Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, 50 euskal preso ohi ingururi ibilgailuak, kontu korronteak eta ondasun higiezina errekisatzeko operazioa abiatu du Guardia Zibilak, "biktimak indemnizatzeko funtsak lortzeko helburuz". Guardia Zibila ustez preso ohienak diren hainbat auto eta furgoneta eramaten ari da kaleetatik grua bidez. Barakaldon, Gasteizen eta Hego Euskal Herriko beste hainbat tokitan atzeman dituzte ondasunak. Juan Ignacio Zoido Barne ministerioak azaldu duenez Zerga izeneko operazioan "ETAri loturiko delituengatik zigorturiko" presoen ondasunak ari dira atzematen. Ministerioaren oharrak ñabardura dakar: ikertutako 50 preso ohi gehienak "kale-erasoengatik" zigortuak izan ziren bere garaian. Denera zortzi milioi euroko "zorra" lukete, espainiar arduradun politikoaren esanetan. Iturrri horien arabera, higiezinak diren 14 ondasun identifikatu dituzte, tartean aparkalekuak, etxebizitzak eta lokal komertzialak. Baina ez dute zehaztu preso ohiek zein partizipazio duten ondasun horietan, jabe bakar ote diren edo jabetza harremana zein den. Horrez gain 45 kontu korronte blokeatu ditu Guardia Zibilak eta soldatapeko 30 langileren nominetan esku hartu dute, ustez preso ohiei lotuak, "lanbidearteko gutxieneko soldata gainditzen duten zatia kentzeko".
news
argia-3b5d1f46c8d8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/mireya-andrade.html
"Bake-akordioetatik ez da ia ezer bete, %18 edo"
Maria Colera Intxausti
2018-05-27 00:00:00
"Bake-akordioetatik ez da ia ezer bete, %18 edo" Mireya Andrade, Maria Lucelly Urbanoren gerra-izena da. 27 urte eman ditu FARCen eta erakunde armatuak eta Kolonbiako gobernuak Habanan egindako negoziazioetan parte hartu zuen urtebetez, Genero Gaietarako Azpibatzordeko kide gisa. Noiz, nola eta zergatik sartu zinen FARCen? 1989ko maiatzean izan zen. Nire herriko udal-hauteskundeetan parte hartu nuen, eta zinegotzi aukeratu ninduten, baina Unión Patriótica-ko kideen aurkako mehatxuak izan ziren, tartean nire senideen aurka. Nire mutil-laguna desagerrarazi egin zuten, eta orduan bi aukera besterik ez ziren gelditzen: erbestera joatea edo FARCen sartzea. Nik bigarrena aukeratu nuen. Bake-prozesuko neurrien artean izan al da desagertzeak argitzeko ekimenik? 2015ean FARCek eta gobernuak komunikatu bateratua aurkeztu zuten Kolonbiako desagertuak bilatzeko. Ni talde horretako kidea naiz eta uztailean da lanean hastekoa. Gu bitartean lanean ari gara Nazioarteko Gurutze Gorriarekin, biktimen elkarteekin eta, desagertuen ahalik eta gorpu gehien itzularazteko senideei. Zenbat dira desagertuak? Gure herrian, zortzi milioitik gora biktima ditugu, 250.000 hildako eta 50.000tik gora desagertu. Nazio Batuen Erakundean aurkeztutako azken txostenaren arabera, Bake Hitzarmena sinatu ondoren, 2016-2018 bitartean 216 buruzagi hil dituzte Kolonbian, eta emakumeen aurkako erasoek gora egin dute. Nor dago indarkeria horren atzean eta Estatuak zergatik ez du galarazten? Horixe da guk orain daukagun kezka handi bat, giza eskubideen defendatzaile asko, komunitateetan lanean ari diren kide asko, erasotzen ari baitira. Gobernuak ez du ezer egin eraso horiek geldiarazteko, eta gezurra esaten dute hilketen egileei buruz, nahiz eta argi egon paramilitarrak direla hiltzaileak. Maiatzaren 27an presidente izateko hauteskundeak dituzue Kolonbian, baina FARC alderdia ez da aurkeztuko, zuen iritziz ez baitago baldintza egokirik. Zer dela eta? Martxoan parlamentua osatzeko egin ziren hauteskundeetan parte hartu genuen eta bageneukan presidente izateko gure hautagaia, gure alderdiko presidente Rodrigo Londoño Timochenko jauna, baina eraso ugari jasan zituen. Gainera, hura babestu beharra zeukan ESMADeko (Polizia Nazionaleko istiluen aurkako unitatea) kide batzuen bideo batzuk agertu dira, jendeari armak banatzen Londoño erasotzeko. Horrez gain, Londoñoren osasun-egoera ez da oso ona, eta ez aurkeztea erabaki genuen. Esaten duzue prozesua airean dagoela, ez dela ari aurrera egiten, eskuina eta eskuin muturra akordioak boikoteatu nahian dabiltzalako. Zergatik daude bake-hitzarmenaren eta normalizazio politikoaren edo bizitza politikoaren desmilitarizazioaren aurka? Ez guk ez komunitateak ez dugu lortu hori ulertzea. Guk konfrontazioa murriztu nahi genuen, eta horretarako garrantzitsua da boterean daudenek hori posible egitea. Ez dakigu zer interes dituzten gerrarekin jarraitzeko. Dena den, gerretan interes ekonomiko handiak daude beti. Eta nahiz eta orain armak utzi egin diren, eta ez ditugun berriz erabili, eta ez dagoen hildako gehiagorik, batzuei gerra interesatzen zaie. Eta, jakina, ez dira haiek hildakoak jartzen dituztenak. FARCeko kideak. Argazkia: Unai Aranzadi Nola dago Jesús Santrich komandantea, eta zergatik dago gose greban? Apirilaren 8an atxilotu zuten, narkotrafikoa leporatuta, baina inondik agertzen ez diren frogetan oinarrituta. Bideo bat daukatela diote, baina ez du audiorik. Sinestezina da norbait atxilotzea audiorik gabeko bideo batean ageri omen denagatik, inolako frogarik aurkeztu gabe. Gaur [maiatzaren 13a] 34 egun daramatza gose-greban eta atzo Kolonbiako gotzaindegiaren egoitza batera eraman zuten. Mugitu ahal izateko zainetik elikagaiak sartzen utzi zuen, baina ez du gose-greba eten. AEBek bi hilabete dauzkate beren eskaera zehazteko, baina oso litekeena da, gauzak horrela jarraituz gero, Santrichek bizia galtzea. Ivan Márquez komandanteak dio Santrich hilez gero amaitu dela bakea. Arrisku handia dago, bai, izan ere, hura hilez gero, zer aurkez dezakegu bake-prozesuko aurrerapen gisa, elkarrizketa guztietan parte hartu zuen pertsona bat, bake-prozesua zer zen argien zeukanetako pertsona bat, inolako frogarik gabe salatu, muntaia bat egin eta hil egiten bada, edo estraditatzen badute? Bake-prozesua orain dagoena baino arrisku askoz handiagoan geldituko litzateke. Gainera, akordioetatik ia ezer ez da bete, %18 edo. Gure burkidea hilez gero oso egoera konplexua izango genuke eta gobernuak, gainera, sinesgarritasun guztia galduko luke. Eta zer gertatuko litzateke? Pentsatzen dut ez duzuela armetara itzultzeko asmorik… Ez, inolaz ere ez. Gure konpromisoetako bat da orain arte egindako ahalegin guztiekin aurrera jarraitzea, baina armak berriz ez hartzeko konpromisoarekin. Dena den, zuen militantziaren zati bat ez zen armak entregatzearen aldekoa, haien ustez hori ez baitzen FARCen filosofia, baizik armak politikatik ateratzea, baina entregatu gabe. Zer deritzozu? Horixe izan da egon diren jarreren arteko bat, baina bake-prozesuari buruzko erabaki guztiak kontsentsuaren bidez hartu genituen. Denoi galdetu zitzaigun gure iritzia, eta gerrillarien konferentzian denok egon ginen ordezkatuak, egitura bakoitzeko ordezkarien bidez, eta batzarrera eraman ziren alor guztietako batzarretan esandako guztiak. Eta gure erabakia hartu genuen. Edonola ere, bake-hitzarmena lortzeko, ezinbestekoa zen armak ekuaziotik ateratzea. Kolonbiako bake-prozesuaren ezaugarrietako bat izan da genero-ikuspegiari lotutako neurriak txertatu direla azken akordioan. Dena den, 2016ko erreferendumean, bake-hitzarmenen aurkariek neurri horiek erabili zituzten beldurra zabaltzeko eta ezezko botoa bultzatzeko. Nola? Hitzarmenetan jasotako genero-ikuspegia itxuragabetu egin nahi izan zuten, esanez familiak desegin egingo zirela FARCek gizon guztiak homosexual "bihurtu" nahi zituelako. Argazkia: Oriol Clavera Eta horrek izan al zuen eraginik? Bai, gure herrian jendeak asko pentsatu gabe jarraitzen baitu sare sozialetan esaten dena, edo Álvaro Uribek eta antzeko buruzagiek diotena. Zer prozesu jarraitu zenuten FARC erakunde antipatriarkala izendatu arte? Guk urte asko generaman genero alorrean aurrerapenak egiten, parekidetasuna lortu nahian, emakumeok eta gizonok eskubide eta betebehar berberak izan genitzan. Orduan, genero azpibatzordeak lan handia egin eta gero, gizarteari aurre hartzeko eta jada egiten ari ginenari izena jartzeko garaia iritsi zen, eta geure burua antipatriarkal izendatu genuen. Ari ginen horretan, baina izenik jarri gabe. Egin kontu gure kideen %40 inguru emakumeak zirela eta denok, emakume nahiz gizon, zeregin berberak geneuzkala. Eta nola kudeatu dituzue barne-erresistentziak? Gizonei batzuetan kosta egiten zaie boterea uztea. Denoi kostatzen zaigu, gizarte beretik baikatoz denok. Gure erakundean sartzeak aspaldidanik indarrean dauden arau batzuk onartzea dakar, eta, beraz, jende berria iristen zenean, egiten zuten lehenbiziko gauza gure arau horiek irakurtzea eta ikastea zen, eta nahitaez bete behar zituzten. Gure gizarte patriarkalaren seme-alabak garenez gero, iraultzaileak izanda ere rol matxistak erreproduzitzen ditugu. Ba al zenuten sentsibilizaziorako barne-formaziorik edo eskola berezirik? Bai, jakina. Baina ez guretzat bakarrik. Gure formazioak denontzat ziren, emakume eta gizonentzat, eta baita komunitateentzat ere, eta han erregioetako jendeari azaltzen genion gure erakundeak nola funtzionatzen zuen eta zein arau zituen, eta jendeak argi zeukan nola jokatu behar zuen. Nola kudeatzen zenituzten gerrilla barruko sexu-erasoak? Bortxaketak, bai gerrillarien bai zibilen aurkakoak, oso zorrotz zigortzen ziren, fusilamenduekin ere. Baina bada askotan kontuan hartzen ez den zerbait: gu, emakumezko gerrillariok, fusila lepoan ibiltzen ginen, eta oso zaila da armatuta dagoen emakume bat bortxatzea. Eta, orain, gizartea desarmatuta egonik, zein autodefentsa-mekanismo dauzkazue? Lehenik eta behin, gizarte osoa kontzientziatu behar dugu ahulenak, emakumeak, aniztasunak, desberdintasunekin zerikusia duen guztia babestu beharraz, baina batasunaren bidez. Bestalde, Habanako bake-elkarrizketetan ginela gobernuko kide batek behin galdetu zidan ea zer zen beldurrik handiena ematen zidana. Azido-erasoak erantzun nion, asko hedatzen ari baitira gure herrian eta beste leku askotan. Emakumeak azidoz erasotzen dituzte beste norbaiten jabetza pribatua izan nahi ez dutelako, eta horrek beldur handia ematen du. Hemen gakoa heziketa da, nire ustez. Zuen erakundeak «feminismo intsurgentea» bultzatzen duela diozue. Zer esan nahi du horrek? Gure jarduna betitik gidatu duten arauak izendatzeko modu bat da berez. Guk beti bultzatu dugu lan egiteko berdintasuna, eskubide eta betebeharren berdintasuna, eta izen hori jarri diogu, beste edozein izan zitekeen bezala. Emakumeok eta gizonek eskubideak eta betebeharrak baldintza beretan partekatzea da funtsa. Gaia aldatuz, zein da gatazkaren biktimen eginkizuna, zure ustez? Gure bake-hitzarmenean biktimak erdi-erdian egon dira, jende askok eta askok jasan baititu gatazka armatuaren ondorioak: jendeak senideak galdu zituen, pertsona batzuk desagerrarazi egin zituzten… Eta bilatzen ari garena, beraz, zera da: egia, justizia, erreparazioa eta halakorik berriz ez gertatzeko bermeak. Hortaz, Egiaren Batzordearekin hori gertatzen dela bermatzen badugu, pozik egon gintezke bake-prozesu honekin. Egiaren Batzordea martxan da? Bai, gauza asko antolatzeke dauden arrean, lanean hasita dago. Dena den, Batzordean aurkeztu ziren ponentzien inguruan adostasunik egon ez zenez, kide bakoitzak bere bertsioa eman zuen gatazkaren hasierari buruz, eta, modu horretara, bakoitzak bere egia adierazi du gatazka sortzeko arrazoien inguruan. Azken galdera: zuena askapen-borroka den aldetik, zer da askapena edo askatasuna zuretzat? Askatasuna niretzat, guretzat, erabaki ahal izatea da, barruko nahiz kanpoko inongo eragileren presiorik jasan gabe erabaki ahal izatea zein izango den gure etorkizuna.
news
argia-3e0f0f8de66c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/mukizapien-zuhaitza.html
Mukizapien zuhaitza
Jakoba Errekondo
2018-05-27 00:00:00
Mukizapien zuhaitza Lehen ere idatzi izan dut berari buruz, baina landareek ez dute aspertzen. Aspertu ordez bueltan etortzen dira. Duela gutxi gertatu zait etxeko atarian: sua egiteko egur bila atera eta "hara, zer du zuhaitz horrek?". Etxe atzeko penditzean zuhaitz negarti bilduma jarria dut eta haien adar zintzilikarioen negarrak xukatzeko aldaparen beheko barrenean bizi da mukizapien zuhaitza, Davidia involucrata . Ezpeletako Bergara etxean 1826an jaio zen Jean Pierre Armand David Haltzueta apaiz lazaristaren omenez deitzen da Davidia . Panda hartzarekin batera berak topatu baitzuen zuhaitz hau Txinan misiolari zebilela. Urte batzuk baditu, 2004an landatua da, oraindik oso gaztea, baina aurten lehen aldiz loratu da. Ikaragarrizko poza eman zidan bere lehen loreak ikusteak. Lore xelebre samarra du, pilotatxo batean bezala bildutako lore multzo esferikoa da eta gora eta behera, bi hosto tankerako zuri-zuri edo zuri-laru ditu. Beherakoa handiagoa da, eta zintzilik dagoen mukizapi baten antza handia du; hortik izena. Hortik involucrata abizena, lore esfera inguratzen duen braktea pareak bildua dela esan nahi du. Beste kultura batzuetan usoaren antza ematen diote loreari, eta uso zuhaitza deitu. Zuhaitza heldua edo zaharra denean loraldia ikusgarria da, eta zintzilikario zurien emanak fantasma baten antza ematen dio, hortik beste batzuek esaten diote fantasma zuhaitza. Itxuraz, Europara bidalitako zuhaitz honen hazietatik sortutako lehena 1906an loratu zen. Ehun urte baino gehiago daramagu Europan zuhaitz erakargarri honen loraldia ikusten, baina oso bakana da. Ez da aurkitzen erraza. Euskal Herriko lorategietan maizago topatu beharko genuke. Loraldia ikusi eta ezagututakoan jendeak bere etxe aldamenetan jartzeko gogo handiagoa izango lukeela seguru nago. Euskal Herrian gehiago landatu beharko balitzake. Ezpeletan zer esanik ez. Piperkeriak utzi eta mukizapiaren zuhaitzik ez dutelako pipertu beharko lirateke ezpeletarrak. Nik, errebote plazan jarriko nuke, joko gorenaren gorazarre. Baita turismo bulegoa bertan izan, eta piperrak gorabehera Ezpeletara etortzen diren guztiek gozatu eta ezagutu dezaten.
news
argia-e8a63b734d1c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/ilusioa-eta-eskarmentua.html
Ilusioa eta eskarmentua
Montserrat Auzmendi del Solar
2018-05-27 00:00:00
Ilusioa eta eskarmentua Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak, hamazazpi urtetako ibilbidean, fruituak eman ditu, dudarik gabe. Fruitu hauen artean, Musikene Orkestra Sinfonikoa aipagarrienetako bat da. Gauza bat da bakarlariak trebatzea, artistak formatzea, baina formazio hori hankamotz geldituko litzateke ikasketa planek ikasleak talde instrumental handiagoetan parte hartzera bultzatuko ez balituzte. Asmo horrekin eratu zen ikastegi honen Orkestra Sinfonikoa, eta, Arriaga Antzokian entzundakoaren arabera, esan dezakegu benetako lan ona egiten ari direla. Orkestra gazte honen ilusio eta adorearen kontrapuntu gisa, Donostiako Orfeoiaren eskarmentua izan genuen taula gainean, eta, bien artean, benetako gutizia den Cherubiniren Requiema interpretatu zuten, Víctor Pablo Pérez maisuaren batutapean. Berezia da requiem hau, famatuak diren beste batzuekin (Verdiren edo Faurérenarekin) konparatzen badugu. Agian Cherubinirena ilunagoa egiten zaigu, baina baditu pasarte tentsiodun eta haserrekorrak tartean. Orfeoiak jakin izan zuen, orkestraren azpimarrarekin, ñabardura guzti horiek nabarmentzen. Hasierako Introitus delikatua izan genuen. Nahiz eta Dies Irae plano samarra atera, Sanctus sendo eta enpastatua entzun genuen. Bukaera, erabat mistikoa, emanaldiaren une onenetakoa izan zen. Baina obra hau ez zen izan saioaren eragingarri bakarra. Béla Bartóken Biola eta orkestrarako kontzertua aukera paregabea izan zen Yana Kutxerova biola jotzaile gaztearen luzimendurako. Errusian jaiotako musikariak Musikene ikastegian jaso zuen formazioa. Sari ugari jaso ditu hainbat lehiaketatan eta kontzertu asko ere eman ditu Europan zehar. Teknika segurua erakutsi zuen, eta, inportanteena, soinu afinatu eta beroa, oso atsegina. Horrez gain, adierazkortasun orekatua du, elegantea. Bartóken kontzertua ez da lan erraza. Konpositorearen berezitasunak –folklorearen eta abangoardiaren uztartze pertsonala, hori guztia forma sendo eta tradizional batean– ongi adierazteko Kutxerovak duen heldutasun musikala behar da. Publikoa txundituta geratu zen. Zorionak!
news
argia-e23a3f573745
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/aretxabaletako-tomatea.html
Herritarrek jakintzak partekatzetik hedatu den fruitua
Garazi Zabaleta
2018-05-27 00:00:00
Herritarrek jakintzak partekatzetik hedatu den fruitua "Duela zenbait urte Katalunian bizi nintzenean, jada ezaguna genuen han Aretxabaletako tomatea". Tomate barietate horren inguruan liburua aurkeztu berri du maiatzean Marc Badal Cristina Enea Fundazioko Haziera proiektuko koordinatzaileak. Azken bi urteetan Marta Barba Gassó ikerlariarekin batera egindako azterketa jaso du Aretxabaletako tomatea. Bioaniztasuna, lurraldea eta jakintza partekatua izeneko lanean. Euskaraz nahiz gaztelaniaz argitaratu dute. Tomate mozkorraren historia Aretxabaletako tomatea, tomate arrosa, tomate mozkorra… Hainbat izen ditu fruituak Debagoienan. Egileek tomate barietatearen historian sakondu dute eskualdeko ekoizleekin elkarrizketak eginez eta esperientziak eta kezkak partekatuz. Izan ere, historia nahiko bitxia du Aretxabaletako tomateak: 80ko hamarkadan ekoizle batek haziak landatu eta gustatu egin zitzaion jasotako tomatea. Hura galtzeko beldurrez, leku seguru batean sartzea erabaki eta ekoizpen ekologikoan ziharduen beste baserri bateko kideari eman zizkion tomate haren haziak. Horrela hasi zuen Aretxabaletakoak bere hedapena, eta hurrengo urteetan zabaltzen eta hobetzen joan zen bai eskualdean bertan eta baita handik kanpo ere. Barietate "famatuaren" bidez kontzientziak pizten Badalek uste du jendartean orokorrean ez dela hain ezaguna tomate honen historia. Ibilbidean sakonduz herritarren artean kontzientziazioa bultzatzea da egilearen asmoetako bat. "Hazi barietate famatu hauek lagungarriak dira bestelako barietateak zabaldu eta jendeak bioaniztasunaren inguruan hausnartzeko", zioen Euskadi Irratiko Landaberri saioan egindako elkarrizketan. Tomatearen beraren ezaugarri bereziak eta kalitatea bazterrean utzi gabe, bere izaera gizarteko sinergiei esker lortu duela da agian Aretxabaletako tomatearen berezitasun nagusia. Herritarrek lurraldea eta jakintzak partekatzeko izan duten esperientziatik hedatu da: "Aretxabaletako tomatea behetik hedatu da, horizontalki, egungo nekazaritza industrialaren markoan hazien produkzioa eta merkaturatzea inguratzen duten botere jokoetatik urrun".
news
argia-31962e74d9ea
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/kote-cabezudoren-auzia-epaitegietan-bezain-geldo-udal-batzordean.html
Kote Cabezudoren auzia, epaitegietan bezain geldo Udal Batzordean
Maddi Txintxurreta
2018-05-15 00:00:00
Kote Cabezudoren auzia, epaitegietan bezain geldo Udal Batzordean Kote Cabezudoren auziak Donostiako udaletxeko ateak zeharkatu ditu astelehenean, EH Bildu eta Irabaziren eskutik. Alderdi biek argazkilari donostiarraren biktimen arretari buruz galdetu diote Udal Gobernuari. Kote Cabezudoren Biktimen Sostengurako plataforma eta salatzaileen abokatua ez dira gustura geratu Udal Gobernuak emandako azalpenekin. EH Bilduk eta Irabazik Eneko Goia Donostiako alkateari zuzendu asmo zizkioten galderak, baina ez da Udaleko Pertsonen Zerbitzu Batzordera agertu, eta EAJko Duñike Arrizabalagak hartu du hitza bere ordez. Eguerdiko 12:00etan hastekoa zen batzordea, eta une berean elkarretaratze isila egin da udaletxe aurrean Kote Cabezudoren Biktimen Sostengurako plataformak deituta. Han izan da Mario Díez, Kote Cabezudoren hamasei biktimen abokatua – lau emakume gehiagoren defentsa hartu berri du –, biktimen sostengurako plataformako kideekin batera. Cabezudoren kasuaren arrabotsa handitzen ari da egunez egun. 2013ko urtarrilean salatu zuen emakume batek lehen aldiz argazkilari donostiarra, eta ordutik, hainbat emakumek eraman dute Cabezudo auzitegietara. Egun 21 dira argazkilaria salatu duten emakumeak. EH Bilduko Naiara Sampedrok ongi-etorria eman die Biktimen Sostengurako plataformako kideei, eta Eneko Goia ez agertzea deitoratu du, uste zuelako "alkateak gai hau lehentasunezko duela".  Udal Gobernutik biktimei babesa eskainiko ote zaien eta horretarako zer baliabide jarriko duten galdetu du Sampedrok. Bestalde, Udal Gobernuari leporatu dio Kote Cabezudoren "biktimen elkartearekin harremanetan jarri ez izana". EAJko Duñike Arrizabalagak erantzun dio asmoa daukatela biktimekin harremanetan jartzeko, eta EH Bilduko zinegotziari gogorarazi dio Kote Cabezudoren aurkako lehenengo salaketaren garaian, 2013an, Sampedro zela Udal Gobernuko berdintasun zinegotzia. "Udal Gobernua ez da iniziatiba hartzen ari, berandu etorri da kasu honetara. Oso larria iruditzen zaigu salatu duten emakumeekin harremanetan ez jartzea", salatu du Irabaziko Amaia Martinek. Argazkilariarena ez ezik, beste auzi batzuk mahai-gaineratu ditu Martinek, sexu abusuak egotzita otsailean espetxeratu zuten Donostiako tatuatzailearen auzia kasu. Alderdi politikoek Batzordean proposatu dute Bozeramaileen Biltzar bat sortzea auziari erantzuteko. Hitz asko, irtenbide gutxi "Gehiago izan da elkarri kexuzka ibiltzea, zerbait konstruktiboa baino", adierazi du Mario Díez auziko hamasei biktimen abokatuak. Lau emakume gehiagoren abokatua da ostiralaz geroztik – hamasei guztira –, eta beste lau aurkeztuko dituela iragarri du. 1988tik 2013ra luzatzen diren abusuen biktimak defendatzen ditu Díezek. Abokatua gehien kezkatu duena da EAJk alderdi politiko bezala eskatu duela epaiketetara agertzea, eta horrek esku-sartze politikoak eragingo lituzkeelakoan dago: "Alderdi politiko bat epaiketara agertzeak salatzaileen identitatea ezagutzea eta epaiketa prozesuko material guztia ezagutzea eragingo luke, eta tokiz kanpo dagoela uste dut. Hitz egiten ari gara haurren pornografiaren inguruan, sexu abusuen inguruan… horrek ziurtasun eza eragiten die biktimei. Legearen izenean epaiketetara agertzea eskatzen dute, eta gaur alkatea ez da batzordera agertu". Esku-sartze politikoen inguruan, Díezek esan du jada jarri dutela salaketa bat Espainiako Fiskaltza Nagusian, susmoa daukatelako prozesua ez dela "beharrezko bermeekin" egin, litekeena delako Kote Cabezudok "babestu duen jendearekin" harremanak izatea. Adibide bezala jarri du Ana Isabel Pérez Asenjo epailearen aurkako salaketa, zeina auzi honen magistratua baitzen. Salaketa tramitera onartu du EAEko Epaitegi Nagusiak, eta behin-behinean auzitik kanpo utzi du. Pérez Asenjori leporatzen zaio emakumeei egindako sexu erasoen irudiak Internetetik kentzeko ezer egin ez izana, besteak beste. "Biktimek nahi dutena da epaiketa hau ahalik eta azkarren amaitzea, eta berme guztiekin. Politikariek geroz eta oztopo gutxiago jarri, biktimentzat hobeto", adierazi du Díezek. Abokatuen arabera, orain biktimak Kote Cabezudo salatzera ausartzen dira, "auzipetua behin-behinean espetxean dagoelako". Kalean egon denean emakumeen salatzeko beldurra nabarmendu du, izan ere, biktimak beldur ziren "argazkilariak beraien kontra erabil zitzakeen materiala eduki dezakelako". Txan Magoaren agerraldia Santi Antero Txan Magoa k ezustean hartu du hitza elkarretaratzea egin bitartean, eta esan du "gai hau oso gertutik" bizi duela. "Txikitan arrantza egitera joaten nintzen, eta bi aldiz tipo batek ukituak egin zizkidan", azaldu du. Erasotzailea Jesus Mari Alkain alkate ohiaren anaia zela esan du.
news
argia-3143215623cb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/azucena-vieites.html
Ustekabea eta askatasuna
Xabier Gantzarain
2018-05-27 00:00:00
Ustekabea eta askatasuna Azken urteotan Madrilen bizi da Azucena Vieites Garcia (Hernani, 1967ko ekainaren 13a), Salamancan eta Complutensen dabil irakasle. Garai batean umeentzako tailerrak ematen zituen, irakatsi baino gehiago ikasten zuela zioen. Reina Sofia museoan egindako bakarkako erakusketan jarri zituen lanok: bere marrazkiak eman eta margotzeko eskatu zien umeei. Erakusketa bukatzean ume bakoitzak bere lana etxera eraman zuen. Ustekaberako gaitasuna, konbentziorik eza, askatasuna, hizkuntza eraikitzeko ahalmena gustatzen zitzaion umeen margotzeko modutik. Bere lanak ere antzeko ezaugarriak izan ditu beti. Askatasun harrigarriz josten ditu handik eta hemendik hartutako txatalak, beti ere ikusizko kultura garaikidearen kodeak erabiliz, irudietan esku hartuz, collageak eginez askotan. Fanzineetatik eta Zuk-zeuk-egin kulturatik edan du, nabari zaio lanean. Azucena Vieitesen lanean ardatza izan da feminismoa. 1994an Erreakzioa/Reacción kolektiboa sortu zuen Estibaliz Sadabarekin batera, eta urte askoan aritu ziren lanean, Arteleku hartuta epizentro. Hantxe antolatu zuten, 1997an, Zure begientzat soilik: faktore feminista ikusizko arteetan mintegi-tailerra, gerora ere ubera utzi zuena. Jende askorentzat mugarria izan zen arte munduko debate feministan. Bizi gaituen garaia harrapatu nahi du artistak bere lanean, ikusizko kultura batik bat, handik eta hemendik jasotzen ditu irudiak, moldatu egiten ditu, ebaki, aldatu, beste modu batera josi, beste esanahi bat eman munduari bere jardunarekin. Artistak ongi daki: irudiak eraiki egiten dira. Eta berezkoak diruditen horiexek dira eraikienak, bestela bezala agertzen direnak, normalak bailiran ekartzen dizkigutenak. Xedea ez da eraikitakoak direla erakustea soilik, hautsi eta beste zerbait esatera behartzea baizik.
news
argia-1fa1122e71d0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/lidergo-globala.html
Lidergo globala
Mikel Zurbano
2018-05-27 00:00:00
Lidergo globala Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Txinako produktuen inportazioei ipinitako mugak arrabotsa sortu du zergen inguruan. Zurrunbiloaren hasieran, Txinako aluminioaren eta altzairuaren inportazioei arantzelak igoko zizkiela iragarri zuen Donald Trumpek. Txinaren erantzuna AEBetako 128 ondasunen inportazioak zamapetzea izan zen. Ondoren, Washingtonek erabaki zuen Txinatik inportatutako ondasun ugarirentzat muga zergak handitzea. Lehia arriskutsua ireki da inondik ere. Nolanahi, Txina bi arlotan zorroztasunez jokatzen ari da. Lehenengoz, bere ekonomia garapenak aurrera egin dezan erreforma eta irekitasun politikekin aurrerapausoak ematen jarraitzen du. Urte luzez neurri horiek eraginkorrak izan dira Txinaren ekonomiaren hazkunderako eta gizartearen onurarako (pobrezia tasa nabarmen jaitsi da, adibidez). Horrenbestez, ekialdeko herrialdeak ez du inolako arrazoirik irekitasun estrategia aldatzeko. Bigarrenez, bi herrien arteko gatazka ekidin ezina da, ekonomia amerikarra merkataritza defizit iraunkorrean murgilduta baitago aspaldian, batez ere Txinarekin duen defizitean. Txinak badaki ezinezkoa dela AEBekin merkataritza posizio desorekatua luzaz mantentzea. Ipar Amerikako inportazioak handitzeko ahalegina egiten duen arren, hauek ez dute onartzen Txinarako teknologia garaiko ondasunen esportazioak handitzea. Berrikuntzaren ildotik Txinak balio erantsi handiko industriak gara ditzan ekidin nahi dute AEBek. AEBetako protekzionismo berriaren helburuekin bat ez datozen kontrako bi eragin kaltegarri aurreikusi daitezke. Batetik, zergak arintzeko helburua duen Trumpek iragarritako zerga erreformak defizit publikoa eta, beraz, merkataritza defizita handituko lituzke. Eta bigarrenez, babes neurriek barne prezioak goratzea ekarriko dutenez, inflazioa mugatzeko interes tasak igotzea bizkortuko du Fed delakoak –AEBetako Banku Zentralak– Areago, merkataritza defizit honen erruduna ez da Txina, dolarraren posizioa baizik. Izan ere, ekonomia merezimendu handirik gabe dolarrak hegemonikoa izaten jarraitzen du nazioarteko moneta sisteman. AEBetako merkataritza defizita murrizteko beharrezkoa litzatekeen dolarraren debaluatzeak bere posizio hegemonikoa kolokan ipiniko luke. Merkataritza gatazka hau txanponen arteko gatazka da azken buruan. Hain zuzen, Txinak yuanetan (Txinako moneta) izendatutako petrolio gordinaren elkartrukeak plazaratu ditu Shangaiko nazioarteko energiaren Burtsan. Urrats txiki horrek erakusten du Txinak bere txanponaren liberalizazioa eta nazioartekotzea bultzatzen duela, noizbait yuana erreserbarako nazioarteko dibisa bilaka dadin. Bestalde, AEBetako protekzionismo berriaren helburuekin bat ez datozen kontrako bi eragin kaltegarri aurreikusi daitezke. Batetik, zergak arintzeko helburua duen Trumpek iragarritako zerga erreformak defizit publikoa eta, beraz, merkataritza defizita handituko lituzke. Eta bigarrenez, babes neurriek barne prezioak goratzea ekarriko dutenez, inflazioa mugatzeko interes tasak igotzea bizkortuko du Fed delakoak –AEBetako Banku Zentralak–. Horrenbestez, dagoeneko sumatzen den AEBetako ekonomia ziklo hedakorraren atzerako aldaketa bizkortuko litzateke. Txina eta AEBen arteko balizko merkataritza –eta dibisen– gatazkan bigarrenek lukete gehiago galtzeko. Aurrez aipatutako ekonomia politikako arrazoiak harago lehenagotik datozen egiturazko beste elementu batzuk dira erabakigarriak Pekinen indar posizioa agertzeko. Aspalditik datoz Txinarekiko AEBetako ekonomiaren menpekotasuna erakusten dituzten indizeak, batik bat merkataritza defizit erraldoiarena eta Txinako mailegariek eginiko AEBetako zor izugarriaren erosketa. Washingtongo aurreko gobernu guztiek porrot egin dute ekonomia potentzia aldaketaren arrisku biziari aurre egiteko neurrietan. Trumpen alde bakarreko ekimen babeslea modu gordinean burutzekotan trantsizio hori bizkortzea izango da emaitza logikoa. n
news
argia-44669f6765f9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/gailurraren-makurkeriak.html
Gailurraren makurkeriak
Iratxe Retolaza
2018-05-27 00:00:00
Gailurraren makurkeriak Haritz Monrealek Mendi literatura (EHU, 2017) saiakeran gogora dakarren moduan, diskurtso literario ugari garatu dira mendi-esperientzien inguruan: mendizaletasunak izan du kutsu heroikorik, oztopoak gainditzearen ikurtzat harturik; edo, esperientzia estetiko baten oihartzuna badakar, mendizalea paisaiaren miresle bihurturik; edo, elkartasunaren eremutzat irudikatu da, gailurrerantz elkarrekin ekitean gorpuzturik; eta besteak beste, menditartasun idiliko batek zeharkatu du euskal literatura erromantikoa (euskararen babesleku, harmoniaren gune, oreka iturri, eta abar). Mendiaren sinbologia eta mitologia horien oihartzunik bada Aingeru Epaltzaren Mendi-joak narrazio-bilduman, betiere ertzak agerrarazteko, edo esperientzien gazi-gozoak kontatzeko, edo jendetasunaren ahulguneez aritzeko. Hamar narrazioetan mendialdearekin askotariko harremanak bildu dira, baina, guztietan aisialdi-jarduera da mendizaletasuna, nahiz eta aisialdiaren iruntzia ere kontatzen zaigun, mendi-langileei ere ahotsa ematen zaielako (mendi-gidariari, aterpeetako zerbitzariari, basozainari edo biologoari). Pertsonen arteko harremanak dira narrazioen muina. Narrazio-ahots ugari erabili ditu pertsonen arteko tentsioak eta minak kontatzeko (perspektibismoa, distantzia ironikoa, ume ahotsa, eta abar), baina, etengabeak dira narrazio-teknika zenbait, ikusmena eta elkarrizketak ardatz dituztenak: gorpuzkeraren eta aurpegieraren deskribapen xeheak, paisaiaren ñabardurak, desira-printzak, jauziak gertaeretan, ikuspegi-aldaketak narrazioan zehar… Mendiak bizi ditu protagonista asko, eta grina horrek tirabirak dakarzkie senideekin, lagunekin, maitaleekin edo bere buruarekin. Mendi-giroan makurraldiak dituzte: bekaizkeria-sentimenduak, norgehiagokak, koldarkeriak, adiskidekeriak, eta abar. Izan badira gertaera edo ahots ugaritan gizonkeriaren oihartzunak, agerikoak eta hanpatuak, emakume zein gizon pertsonaiengan zauriak eragiten dituztenak. Mendiaren begirada erromantikorik ez da bilduman, garraztasunak, lehiakortasunak eta zaurgarritasunak jotako gizartea baizik.
news
argia-a712e9a788de
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/pello-elzaburu-editore-euskaldun-eta-periferiko-baten-memoriak.html
"Oso kutsatuta gaude Espainiako Estatuko kultura krisiarengatik"
Reyes Ilintxeta
2018-05-27 00:00:00
"Oso kutsatuta gaude Espainiako Estatuko kultura krisiarengatik" Sorginek baserri batzuetan uzten omen zituzten kutxen izena da Pamiela. Kutxa horiek ez ziren inoiz ireki behar ezbeharrik gertatzea nahi ez bazen. Batzuen ustez, seguruena Pamiela argitaletxeko liburuak ere hobe inoiz zabalduko ez balira, haietatik isurtzen diren askatasun aldarriak eta memoria historikoa josteko ideiak jendearentzat oso arriskutsuak izan daitezkeelakoan. Liburuen iraultza isilaz asko daki Pello Elzaburu Pamielako editoreak. Iruñean bizi erdia baino gehiago eman duzu, baina gipuzkoarra zara sortzez. Aita, Juan Elzaburu, nafarra zen, Imotzekoa, Oskoz herrikoa. Oso gaztea zela gurasoak galdu eta Gipuzkoara joan zen izeba batekin bizitzera. Alegiako neska batekin ezkondu eta han jaio ginen gu. 5 urte nituenean Andoainera joan ginen bizitzera eta han ardo biltegia jarri zuen familiak. Nire aita nafartasunaren militantea zen, horregatik txikitan askotan etortzen ginen Nafarroara. Izan ere, Soraurenen eta Arren pasa ditut nire ume garaiko udaldi zoragarrienak. Gaztaroa Andoainen eman nuen 18 urterekin erbesteko bidea hartu nuen arte. 1977an, Franco hil ondoren, bikotekidea eta biok Iruñera etorri ginen bizitzera. Mexikon egindako bi urteak kenduta, Iruñean egin dut bizitza geroztik. Militantzia politiko aktibotik nola pasa zinen kulturaren mundura? Basamortua zen Iruñea euskal kulturaren ikuspegitik eta Bartzelonan ikasten ari zirela elkar ezagutu zuten sei lagunek Auzolan liburu-denda sortzea erabaki zuten. Casa Goñi edo 'Casa Cristo' ezizenez ezagutzen zen janari-dendaren etxabean zabaldu zuten. Handik 3-4 hilabetera hasi nintzen han lanean. Kulturako militanteak ginen, abertzaleak, euskaltzaleak… eta liburu-dendak konspirazio tokiak ziren garai haietan. Han sortu genuen Pamiela aldizkaria, gero 1983an abian jarriko zen argitaletxearen hazia. Hor maitemindu nintzen liburuekin eta geroztik denetik izan naiz: liburu saltzailea hasieran, banatzailea ondoren, eta editorea geroago. Auzolanen liburu banaketarako enpresa txiki bat jarri genuen abian, Yoar izena zuena. Handik gutxira Gipuzkoako beste enpresa batekin elkartu eta Bitarte sortu genuen. Azken 25 urtetan Elkar eta Bitarte izan dira euskal liburuen banatzaile nagusiak. Bestalde, 90eko hamarkadan harreman estua izan nuen Erein argitaletxearekin. Han hasi nintzen promotore lana egiten eta ondoren testugintzan murgildu nintzen. Hori jauzi handi bat izan zen euskal liburugintzan. DBH osorako prestatu genuen proiektu baten ardura hartu nuen nik. Hamar urtez ibili nintzen han, baina, aldi berean, Pamielatik oso gertu sentitzen nintzen Txema Aranaz eta Bernardo Atxagaren lagun mina izan naizelako betidanik. Horrela, 2000. urtean Pamielara itzuli nintzen, profesional gisa. Zein izan da zuen belaunaldiko editoreen ekarpena? Gu gara euskal editoreen lehen belaunaldi profesionala, hau da, lehen belaunaldia egiten dugunagatik ordaintzen digutena. 70eko hamarkadan sortu ziren Elkar eta Erein adibidez; 80ko hamarkadan Pamiela, Susa eta beste batzuk. Orain erreleboa pasatzea egokitzen zaigu. Oso jende prestatua dator, baina begi-bistakoa da une kritikoa bizitzen ari garela. Alde batetik, iraultza orokor bat dago teknologian. Interneten garaian liburua bere lekua bilatzen ari da berriro, XX. mendean ikus-entzunezkoak iritsitakoan egin behar izan zuen bezala. Negozioaren aldetik 80ko eta 90eko hamarkadetan loraldia bizi izan zuen liburuak, Franco hil eta gero. Ez zegoen kasik etxe bakar bat ere entziklopediarik ez zuena. Orain paperezko entziklopediak, hiztegiak bezala, desagertu dira. Negozio oso potenteak izan ziren eta egun gelditzen diren egitura nagusiak haietatik sortuak dira, Planeta taldea edo Santillana, esate baterako. Bada beste aldaketa are sakonagoa: kulturaren krisia. Duela gutxi Elkar Fundazioak atera zituen datuak oso kezkagarriak dira. Euskaldunon %23k soilik irakurtzen dute euskarazko literatura. Oso kutsatuta gaude, nire ustetan, Espainiako Estatuko kultura krisiarengatik. Gure egoera ezin da konparatu mundu anglosaxoiarekin edo germanikoarekin. Han kulturak eta literaturak prestigioa daukate, hemen ez. Argazkia: Dani Blanco. Irakurketa datuak Espainiako Estatuko batez bestekoak (%59,7) baino hobeak dira Nafarroan (%65,1) eta EAEn (%63,9). Bai, Madrilekin batera Europako batez bestekora (%70) hurbiltzen gara, baina gure merkatua, euskararena, oso txikia da. Euskarak tentsio militante bat behar du eta ez dugu galdu behar. Horregatik, guk apustu irmoetako bat albumaren [haurrentzako azal gogorreko eta edizio txukuneko ipuin ilustratuak] alde egin dugu. Biharko irakurleak gaur eskaintzen dizkiegun albumekin heziko dira, bai estetikoki bai narrazio moldeari dagokienez ere. Jende asko horretaz ohartu da eta intelektual askok, Bernardo Atxagak adibidez, urteak daramatza esaten kontuz, hemen argi gorria piztuta dagoela. PISA azterketaren emaitzak, esate baterako, oso txarrak izan dira azkenaldi honetan EAEn. Estatuan Nafarroa eta EAE dira osasungintzan eta hezkuntzan gehien inbertitzen dutenak, batez beste, baina itzulera ez da neurri berekoa. Osasungintzan bai bada proportzionaltasuna, baina hezkuntzan ez. Gazteentzako literatura gustagarria falta da euskaraz? Eskuz esku pasatzen diren best-sellerren fenomenoa ez da gertatzen euskaraz. Literatura, artelan guztiak bezala, oso misteriotsua da eta ezin da kontrolatu zerk izanen duen arrakasta handia eta zerk ez. Batzuek uste dute salmenta ikaragarrien atzean marketina baino ez dagoela. Barkatu, baina Harry Potter asko saltzen bada bere arloan oso ona delako da, ez soilik kanpaina itzela antolatu dutelako. Beste kontu bat da funtzionatzen duen produktu bati marketina gehitzea. Agian, editoreek gehiago begiratu beharko genuke zer den irakurleak bilatzen duena. Bestalde, argi dago irakurtzeak esfortzu bat eskatzen duela. Irakurtzeari gustua hartzen zaio gustuko gauzak irakurriz eta denbora eskainiz, eta hori arazo handi bat da gure gizartean, denborarik eza. Zein izan da Pamielan gehien saldu duzuen liburua? Behi euskaldun baten memoriak , 50.000 ale baino gehiagorekin. Ondoren Soinujolearen semea , 25.000rekin, Orhipean ere oso ona izan da 15.000 ale salduta, eta saiakera lanetan Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? literaturatik kanpoko arrazoiengatik ere, 7.000 alerekin. Zein da editorearen lana? Gurea lanbide bat baino zerbait gehiago da. Sormena kaosa da eta gu kaos horretan ordena jartzen saiatzen gara. Proposamenak ere egiten ditugu, azken finean gu bitartekari hutsak gara. Niri zeregin itsusiena egitea egokitzen zait, liburuak saltzea alegia, baina ia denetik egitera ohituta gaude guztiok. Pamielan sei ari gara soldatapean lanean, baina kolaboratzaile asko dugu eta ezinezkoa litzateke gure eguneroko lana aurrera ateratzea haiek gabe: ia musu-truk aritzen direnak zuzenketak egiten, testuak orrazten, aholkulariak, irakurleak… Sortzaileak dira gure aktibo nagusia. Urtero bizpahiru Euskadi Sari jasotzen dituzte gurekin dauden idazleek eta horrek esan nahi du gauza batzuk ongi egiten ari garela. Bernardo Atxaga bezalako idazle bat gurekin izatea, eta gainera laguna aholkulari izatea, oso kontu handia da. Nobel sarirako zerrendetan dagoen euskal idazle bakarra da. Gurean pertsona garrantzitsuak dira esate baterako Jose Angel Irigaray, Asun Garikano eta Ruper Ordorika. Ruperrek euskal kulturaz duen ikuspegi globala ezinbestekoa da guretzat. Ekimena norena izaten da, gehienetan idazleena? Gehienetan egileak etortzen dira guregana, baina guk ere idazleei proposatzen diegu zerbait egitea. Iaz, adibidez, 39 idazle nafar , Nafarroako euskal idazleen antologia plazaratu genuen. Ez da asko saldu, baina editore batek egin behar duen lana dela ikusi genuen. Duela 30 urte bizpahiru izen genituen eta orain 39 bildu ditugu bilduma honetarako. Uste dugu beharrezkoa dela errealitate hori ikusaraztea. Horrelako adibide asko dugu. Argazkia: Dani Blanco. Jimeno Juríoren bilduma izan daiteke beste bat? Bai, noski. Udalbide, Pamiela eta Euskara Kultur Elkargoa elkarrekin ari gara Jimeno Juríoren lan osoaren bilduma 62 liburukitan plazaratzeko. Berriki 49.a atera da, Aratxoako toponimiari buruzkoa. Zer nolako garai ilunetik gatozen gogoratu behar dugu eta Jimeno Jurío bezalako intelektualak nola egon diren erabat alboratuta. Pamiela ahalegin handia egiten ari da memoria historikoa eta Nafarroaren historia ezagutzera emateko. 2012an, konkistaren 500. urteurrenean, berebiziko lana egin zuten ikertzaileek eta gu saiatu ginen ikerlan horiek guztiak bistaratzen. Pamielaren historian bada lan bat oso garrantzitsua izan dena eta eragin izugarria izan duena: Tomas Urzainki eta Juan Mari Olaizolaren La Navarra marítima saiakera. 1998an atera genuen eta 12.000 ale baino gehiago saldu ditugu. Nafarroaren eta Euskal Herri osoaren begirada aldatu duen liburua da. Nafarroako historiaren irakurketa berria ekarri du. Gaur egun ia inork ez du zalantzan jartzen 1512koa indarrez egindako konkista izan zela, eta hori guztia liburu honen plazaratzearekin hasi zen. Ideia horiek guztiak gizarteratzea da gure zeregina. 40 eta zenbait liburu argitaratu dugu frankismoaz, errepresioaz… eta horiek ere nafarron begirada aldatu dute. Zenbat liburu plazaratu ditu Pamielak? 1.000 titulu baino gehiago, 1.070 inguru. %45 euskaraz eta %55 erdaraz. Arloka ez da proportzio bera mantentzen. Euskaraz ateratzen ditugun liburu gehienak helduentzako poesia eta narratiba lanak dira hala nola haurrentzako album ilustratuak. Azken hamar urteotan haur literaturan ekarpen garrantzitsua ari gara egiten Etxepare sariaren bidez. Nafarroako toki entitate mordoxkarekin elkarlanean ari gara haurrentzako albumak sortzeko. Bestalde, Kalandraka argitaletxe galiziarrarekin lan egiten dugu munduko lanik ederrenak euskarara ekartzeko helburuarekin. Luze egon gara erdarazko fikziozko lanik eman gabe, baina orain berriro hasi gara, hemengo egile batzuekin. Saiakera eta testigantza lanei dagokienez, gehienbat historia eta memoria historikoarekin lotutako gaiak jorratzen ditugu, %85 erdaraz iristen zaigu eta guk jatorrizko hizkuntzan plazaratzen ditugu. Juan Zelaia saiakera sariari pilak agortu zaizkio?   Gogoeta prozesuan gaude 2014tik. Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioarekin batera antolatutako sariketa hau 2001ean jarri genuen martxan pentsamendu lan laburrak argitaratzeko asmoz. Filosofia zen ideiak behar direla eztabaida eragiteko eta azken finean, mundua eraldatzeko, baina ikusi genuen ideia horiek lan laburretan ematea hobe zela jende gehiagorengana iristeko. Marxen Manifestu Komunistak 50 orri besterik ez zituen eta jesukristorena muntatu zuen. Horregatik, 80 orrialdetako muga ezarri genion. Hamahiru edizio egin genituen eta 26 lan argitaratu genituen Upaingoa sailean. Izen hori jarri genion hala deitzen zelako Juan Zelaia mezenasen sortetxea. Bera duela bi urte hil zen eta orain bere fundazioarekin harremanetan ari gara. Pena litzateke hau galtzea eta Juan Zelaiaren beraren memoria ere galtzea. Zenbateko tiradak egiten dituzue, batez beste? Poesia eta saio lanetan 400 eta 600 ale artean eta narratiban 800en bueltan. Gai honetan oso garrantzitsua izan da liburugintzan gertatu den teknologia iraultza isila. Lehen offset sistema bidez inprimatzen zen, kalitate handiz, baina makinak martxan jartzeak berak oso kostu altua zuen. Horregatik ale kopuru handiak egin behar ziren kostuak amortizatzeko. 1.500-2.000 ale egin behar izaten genuen gutxienez. Orain, aldiz, inprimatze sistema digitalarekin tirada txikiak egin daitezke eta bidenabar biltegietan liburuak gordetzeko arazoa ere arintzen da. Liburu baten truke ordaintzen dugunetik zenbat hartzen du idazleak? Normalean %10. Eta gainerakoa? Idazlearen lana liburu bihurtu eta irakurleen eskuetara iritsi arte 20 bat pertsonak egiten du lan: editoreak, zuzentzaileak, maketatzaileak, diseinatzaileak, inprentakoak, banatzaileak, saltzaileak… kate horrek kostu batzuk ditu. Banakuntza sareak erdia eramaten du, edizio lanak %25-35, egileak %10 eta geratzen den %5 da irabazi garbia, ale guztiak salduz gero. Editorea izatea ez da pagotxa, baina inori garestia iruditzen bazaio beste aukera bat du: autoediziora jotzea. Zergatik Pamielak ez du liburu digitalik plazaratzen? Egia esan, presiorik ez dugulako. Jendeak ez digulako eskatzen. Erakundeek bai, batzuetan, oso estetikoa delako eta prentsaurrekoetan oso ongi gelditzen omen delako halakoak aurkeztea, baina guk beharrik ez dugu ikusten. Duela urte gutxi batzuk esaten zuten 2011n liburu digitalak gailendu eta 2014rako papera desagertuko zela. Orain ikusten da liburu digitala berez ez dela negozioa eta zabalkundea oso mugatua dela, %2koa. Proba batzuk egiten hasi ginen eta konturatu ginen paperezko liburu ederrak egiten badakigula, baina liburu digitalarekin irabazirik ez genuela. Itxaronaldi bat egitea erabaki genuen eta bitartean dakiguna egiten jarraitzea. Urte batzuk joan diren arren, oraindik ez dugu sentitzen horren beharrik.
news
argia-30b1ecc55643
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/masiboki-zelatatutako-gizartea.html
Masiboki zelatatutako gizartea
Lander Arbelaitz Mitxelena
2018-05-27 00:00:00
Masiboki zelatatutako gizartea "Denbora askoan, erabat zelatatutako mundu baten ideia erokeria utopiko edo paranoiko gisa hartu izan da, teoria konspiratzaileekin obsesionatutako jendearen irudimen aluzinatua. Hala ere, egiari zor: hemen eta orain Zelataren Inperio antzeko baten kontrolpean bizi gara. Gu konturatu gabe, geroz eta behatuago, espiatuago, zelatatuago, kontrolatuago, fitxatuago gaude. Gure aztarnak jarraitzeko teknologia berriak zorrozten ari dira egunero. Enpresa komertzial eta publizitate agentziek gure bizitzak arakatzen dituzte. Terrorismoaren eta beste izurrite batzuen aurkako borrokaren aitzakiarekin, gobernuek, demokratikoenek barne, Big Brother -a eraiki dute, ez dute dudarik egiten gu hobeto zelatatu ahal izateko beren legeak apurtzeko orduan ere. Estatu orwelliar berri hauek euskarri elektroniko ugaritatik ateratako gure datu pertsonalekin eta gure kontaktuekin fitxategi zehatzak egiten saiatzen ari dira sekretuan, askotan Sareko erraldoien laguntzarekin". Ignacio Ramonet kazetariarenak dira hitz indartsuok, L'Empire sous Surveillance liburuan (2016) idatziak. Azken urteetan hainbat pertsonak –alarma jotzaileek– beren bizitzak arriskuan jarriz filtratu dituzten datuak bilduz panoramaren erretratu gordina da lan hori. "Kezkatzen nauena ez da zelataren gizartean bizi garela, baizik eta halako gizarte batean bizi garela eta horrek ez gaituela kezkatzen", zioen Zygmunt Bauman soziologo eta filosofoak. Estatuen, inteligentzia zerbitzu militarizatuen eta interneteko multinazionalen artikulazioak bizitza pribatuaren amaiera ekarriko al du? Kamerak etxe barruraino sartu zaizkion gizarajoari "Gobernuaz fida zaitezke" esaten diote begiek, zelata masiboa salatzen duen komikian. Bizitza pribatuaren amaiera? Susmatzen zuten, baina aho bete hortz geratu dira guztiak. Bulegoan dauden guztien aurrean, telefonoaren linea goiko solairura desbideratuta dagoela aurkitu dute Telefónicako teknikariek. Berehala gauza arraroak bilatzen jarri, eta eraikinaren kanpoaldean ere, kable batzuk ezkutatuz, lehen solairura doan bi metroko hodi bat aurkitu dute. Bat-batean, soinuak entzuten hasi dira gaineko pisutik, mugimendu zakarrak, jendea urduri. Halako batean, azpiko tabernako bazeroek eraikinetik hiru pertsona ikusi dituzte irteten korrika, leporaino betetako kiroletako poltsak hartuta. Gutxigatik ez dituzte harrapatu, nahiz eta presaren presaz dokumentu ugari utzi dituzten atzean. El Cesid quería filmar en vídeo las reuniones de HB . Albiste honekin lehertu zuen Egin ek eskandalu politikoa 1998ko apirilaren 1ean. Espainiako zerbitzu sekretuek Herri Batasunaren Gasteizko Ramiro de Maeztu kaleko egoitza zelatatzen zutela jakin zen, bai gaineko solairutik, baita pareko etxebizitza batetik ere. Komunikazioak pintxatuta eduki zituen sei urtez, legez kanpo. Soka luzea ekarriko zuen albisteak: Egineko ikerketa taldeak, Pepe Rei buru, hainbat espiaren nortasuna publiko egin zuen; Cesidek aitortu zuen Hego Euskal Herrian zuen egitura osoa aldatu behar izan zuela; hainbat goi kargu epaitu eta zigortu zituzten legez kanpoko entzuketengatik; batzuek espetxean amaitu zuten, nahiz eta gero Aznarren gobernuak denak indultatu zituen. Zelata politikoa eta arerioaren sekretuak ezagutzeko espioitza "klasikoa" gauza komuna izan da. Urteak ez dira alferrik igaro ordea, eta teknologia berrien esparrura eta arlo militarrera urtero milaka milioi dolar bideratzeak ondorio zuzenak dauzka. Egun, gauza bat garbi dago: pertsona edo talde baten komunikazioak zelatatu nahi dituenak ez du halako operazio fisiko lotsagarririk antolatu beharrik. Beste bide batzuk eraginkorragoak eta zuhurragoak dira, eta populazio ia osoaren komunikazioak zelatatzeko aukerak ematen dituzte. Legeak eta eskubideek zer dioten, hori beste upel bateko sagardoa da. Estatuek baino, enpresek dute jendea zelatatzen "Kontuz ibili, Interneten nabigatzean, bilaketa eta klik bakoitzarekin, zuen bizitza pribatuari buruzko arrasto txikiak uzten zoazte eta enpresa pribatu batzuk dena jaso eta sekretuki artxibatzeaz arduratzen dira, batez ere Google". Hartu gogoan GAFAM hitza. Interneteko bost enpresa indartsuenak izendatzeko erabiltzen da: Google, Apple, Facebook, Amazon eta Microsoft. Estatuek baino, enpresa handiok zelatatzen dituzte herritarrak, Julian Assangeren arabera. Kazetari australiar hau Interneteko ekintzailea eta programatzailea da. Mundu osoan nabarmendu da Wikileaks webgunean estatuen arteko kable diplomatikoak eta sekretuak argitaratzeagatik. AEBen jomuga garbia da, eta herrialdez herrialde ihesi, Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan bizi da 2012tik atera ezinean, atxilotuko ez badute. Suedian bi emakumek bere aurka bortxaketa eta sexu abusuen salaketa jarri ostean nazioarteko atxilotze agindua du gainean. Assange eta bere jarraitzaileak beldur dira Suediak AEBetara estraditatuko ote duen. Herrialde honetako botereguneetan espioitza eta traizioa egotzita epaitzeko eskariak indarra du, eta mahai gainean dauka heriotz zigorra. Edward Snowden da estatu-sekretu hauek mundu osoko herritarren ezagutzan jarri izanaren beste arduradunetako bat. Egun Errusian bizi da, Hong Kongeko hotel batetik ihes egitea lortu ostean Wikileakseko ekintzaileen laguntzarekin 2013an. AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalaren (NSA) milaka fitxategi Glenn Greenwald eta Laura Poitras kazetariei filtratu zizkien. Ikustea merezi duen Citizenfour dokumentalean azaltzen ditu ekintzaile honek filtrazioarekin bere bizitza betirako aldatu izanaren arrazoi politikoak. "Herritarrok Zelataren Estatuaren aurka gaude, eta diogu: eskerrik asko, Edward Snowden", mezuarekin autobusa Washington DC hirian bueltaka ibili zuten 2015ean. Ipurdi bistan geratu diren herrialdeek ez diote erraz barkatuko, eta hauetako batzuk erridikulua egitera ere heldu dira. AEB eta Europar Batasuneko agintariek, adibidez, nazioarteko protokolo diplomatiko guztiak urratzea erabaki zuten, Errusiatik Boliviara bueltan zen Evo Moralesen hegazkin presidentziala Austrian lur-hartzera behartu zutenean, Snowden barnean zeramalakoan. Usteak ustel. NSAko langile ohiak egurrean jarraitzen du, bideokonferentzia bidez mundu osoko ekitaldietan parte hartuz, multinazionalen aurrean bizitza pribaturako eskubidearen defentsa egiten. "Facebook bijilantzia enpresa bat da", bota du azken eskandaluen harira. Zuk ez baduzu ordaintzen, zeu zara salmenta Sareko eta telefoniako multinazionalek gobernuei erabiltzaileen milioika datu herrialdeka saltzen dizkietela argitaratu izan dute alarma jotzaileok . Ustez "doako" zerbitzua eskaitzen duten webguneok nonbaitetik atera behar irabaziak. Facebookek 2017an 12.800 milioi euro irabazi zituen, 2016an baino %56 gehiago. Facebook, Google eta halako enpresek duten materia prima baliotsuena horixe da: milioika pertsonaren ohiturekin lotutako datu xeheak. Snowdenek filtratutako dokumentuen egiazkotasuna ez dute sekula dudan jarri. Garai hartako NSAko zuzendari Keith Alexanderrek ondorengoa esan zuen: "[Snowdenek] beregan jarritako konfiantzari traizio egin dio. Sekretu goreneko dokumentuetara sarbidea zuen eta bere betebeharra sareak administratzea zen. Konfiantza hori urratu eta gure hainbat sekretu lapurtu zituen". Bide beretik jo zuen Barack Obamak, garai hartako AEBetako presidenteak. Filtrazioa salatu zuen, edukiari sinesgarritasuna emanez: "Ez ditut gustuko filtrazioak, programa hauek klasifikatuak izan daitezen arrazoi bat dago". GAFAM enpresen aurkako kartelak, "Internet Des-Google-Izatu dezagun" ekimenaren paret. Horrez gain, GAFAM enpresek AEBetako Gobernuarekin harreman zuzena dutela frogatu izan dute, batzuk ia egituran ere parte izateraino. Sinergiak agerikoak dira, adibidez, Google eta Defentsa Departamentua elkarrekin ari dira Project Maven proiektua garatzen "droneen erasoak zehatzagoak izan daitezen softwarea". Ars Technica hedabide digitalean apirilean jaso zutenez, "Google-eko langileen errebolta, konpainiak drone militarren proiektuak utzi beharko lituzkeela diote". Milaka langilek gutun bat idatzi zieten Google-eko buruei eskatuz Pentagonoarekin ez lanik egiteko. Maiatzaren 16an, ARGIAko Maddi Txintxurretak jaso du hainbat langilek dimisioa aurkeztu dutela beraiek garatutako teknologia jendea hiltzeko erabiltzearen aurka daudelako. "Terrorismoaren" aurkako borroka Nondik datoz baina herriatarrak kontrolatu eta zelatatzeko praktika globalizatuok? Bigarren Mundu Gudaren ostean, Sobiet Batasuna eta bere aliatuak zelatatzeko helburuz, UKUSA akordioa sinatu zuten sekretuan ondorengo herrialde anglofonoek: AEB, Erresuma Batua, Kanada, Australia eta Zeelanda Berriak; ondoren Japonia, Alemania, Suitza, Filipinak, Taiwan, Turkia eta Norvegia ere sartu ziren jokoan. New York Times egunkariak egin zuen publiko herrialde guzti hauek Echelon izeneko sarea jarri zutela martxan Guda Hotzak iraun zuen 40 urteetan. Komunikazio pribatu eta publikoak harrapatzeko mundu mailako sarea eraiki zuten. Snowdenek filtratu zuenez, PRISM izeneko mundu osoko komunikazioen bijilantzia tresna garatuta daukate AEBek, herrialdez herrialde, estatuek ematen dieten informazioa gorde eta analizatzeko. Gaian aditu direnek erabaki larri gisa aurkezten dute 2011ko irailaren 11ko atentatuetatik sei astera, Patriot Act izeneko legea onartu izana AEBetako Kongresuak George W. Bushek bultzatuta. "Edo gurekin zaude, edo gure aurka" goiburupean, herritarren eskubideak nabarmen murriztu zituzten terrorismoaren aurkako borrokaren izenean. Ameriketako Eskubide Zibilen Elkarteak (ACLU ingelesez) salatu duenez, lege horrek FBIri eman zion Interneteko hornitzaileak behartzeko eskumena beren bezeroei buruzko informazioa emateko. Stephen Graham geografo britainiarrak Cities Under Siege: The New Military Urbanism liburuan dioenez, "laugarren belaunaldiko guda" hauek espazio urbanoetan gertatzen dira: hirietako geltokiak, estadioak, antzokiak, supermerkatuak, bulegoak, apartamentuak, galeria komertzialak, metroko pasabideak, aireportuak... "Modu honetara, hiria arduradun militarren kezken erdigunean kokatzen da, eta aldi berean, Mendebaldeko botereak ahulak edo zaurgarriak dira hor. Horren aurrean, eremu hauetan zelata eta kontrol mekanismoak biderkatzea izan da autoritateen erantzuna. Ignacio Ramonetek salatzen du atentatu terrorista bat gertatzen den bakoitzean herrialde bakoitzak bere Patriot Act propioa legeztatzen duela "terrorismoari aurre egiteko", Naomi Cleinek T he Shock Doctrine lanean azaldu gisan. Begiko irisa da pertsona bat identifikatzeko beste metodoetako bat, eta erabilera zabaltzen ari da. Giza Eskubideen aldeko ACLU elkarteak argudiatzen du Patriot Act -ek AEBetako Konstituzioa eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala urratzen dituela. Hala dio deklarazioaren 12. atalak: "Ez dago arrazoirik gabe beste inoren bizitza pribatuan, familian, etxean edo postan eskusartzerik, ezta inoren ohore edo izen onari eraso egiterik ere. Nornahik du eskusartze edo eraso horien aurka legezko babesa izateko eskubidea". Gainera, segurtasunaren izenean herritarrei askatasun guztia kentzeko prest dagoenak ere, ezingo du sekula segurtasun totala bermatu. Ukaezina da terrorismoaren mundializazioa gertatzen ari dela eta adibidez, Daeshek ondorengo herrialdeetan egin ditu erasoak azken urteetan: Tunisia, Turkia, Kenia, Nigeria, Belgika, Kanada, Australia, Danimarka, AEB, Frantzia, Katalunia... "Estatuek herritarrak babestu behar dituzte, ados; baina, beharrezkoa al da herritar guztiak susmagarri bihurtzea? Gizarte osoa zelatapean jartzea?", galdetzen du kazetari beteranoak. Dei, e-posta, sare sozialak... dena datu basera "Europako bigarren deskodifikazio zentro handiena da Frantziakoa, Britainia Handikoaren ostean, ordenagailu erraldoiek dozenaka milioi e-posta, SMS, Skype, Whatsapp, Facebook mezu filtratzen dituzte... automatikoki bakantzen dituzte hautatutako pertsonen mezuak telefono zenbaki edo IP helbideen bidez". Honela deskribatzen du L'Obs hedabideko Vicent Jauvert kazetariak Comment la France (Aussi) écoute le monde artikuluan. Le Monde k argitaratu zuen aurrena, Frantziako Estatuan zerbitzu misteriotsu bat existitzen zela "defentsa sekretu" gisa definitua, informazio zerbitzuen baitan disimulatua. Bere izena: Plateforme nationale de criptanalyse et de décryptement. Hainbat urtez gobernuak ukatu egin zuen, 2015ean aitortu zuen arte. Big Brother frantziar hau Parisko boulevard bateko lurpeko lokal baten dago. 150 matematiko eta informatikok superkalkulagailu indartsuekin egiten dute lan. "Programa batek ahotsa ezagutzen du, beste batek itzuli. Honela herrialdez herrialde sailkatzen dira datuak. Programa batzuek katxeatzen dituzte hitz-gakoei esker, Facebook, e-postak eta Skype; beste batzuek milioika metadatu analizatzen dituzte", azaltzen du funtzionamendua Jauvert kazetariak. Snowdenen filtrazioei esker jakin denez, datuok urteetan gordetzen dituzte estatuek, gerora, pertsona jakin baten atzera begirako ikerketa egiteko modua eskainiz. Mundu osoko komunikazioen azken bost urteetako erregistroa egitea da helburua. Noizbait norbaitek arreta deitzen badu, gordetako datuen masa horretan bilatu ahal izatea da gakoa, pertsona honen harreman sareak eraiki eta iraganean egindakoa ikertu ahal izateko. Datu hauetako asko komunikazio pribatuetatik ateratzen dituzte, baina beste asko herritarrak ari dira inork behartu gabe ematen: telefono mugikor modernoa desblokeatzeko hatz marka, azterketa biometrikoa eskatzen duten aplikazioak, sare sozialetan emandako datu pertsonalak (film, liburu, musika... gogokoenetatik hasita, atsegin dut klik bakarrarekin dokumenta daitezkeen jarrera politikoetara, sarera igotako norberaren argazkietatik pasata), Whatsapp, e-posta, telefono dei... dena geratzen da gordeta zerbitzari batzuetan. Nola gordetzen dute informazioa? NSAk datuak eta metadatuak gordetzen ditu; lehenak komunikazioen edukiak dira, bigarrenak eduki hori deskribatzen duten xehetasunak. Telefono dei baten kasuan, adibidez, datua litzateke elkarrizketaren audioa; metadatuak berriz, parte hartzaileen telefono zenbakiak, deia egin zeneko ordua, iraupena eta beste. "NSA legez kanpo espiatzen ari da hemen azpian" dioen baloi gidatua munduko espioitza gune handienetakoaren gainean, Utah-n. (Argazkia: Greenpeace) Glen Greenwald kazetariak arazo honek 2014an zuen dimentsioa zehaztu zuen Snowden: ezkutatzeko lekurik ez liburuan : "30 egunetan, orotara, mundu osoko 97.000 milioi e-posta eta 124.000 milioi telefono dei jaso zituen NSAk. 30 egunetan ondorengo informazioa jaso zuen herrialdeka: Alemaniako 500 milioi komunikazio, Brasilgo 2.300 milioi, Indiako 13.500 milioi. Herrialdeetako gobernuekin elkarlanean jasotako metadatuei dagokienez: Frantziako estatutik 70 milioi, Espainiakotik 60 milioi, Italiatik 47 milioi, Herbehereetatik 1,8 milioi, Norvegiatik 33 milioi eta Danimarkatik 23 milioi, batzuk aipatzearren. Ordutik beste lau urte igaro dira. Hodeia, Cloud , Nuage edo Nube . Ez da existitzen. Marketingaren fruitua da kontzeptu hori. Informazioa enpresen zerbitzarietan gordeta geratzen da "hodei"-ra igotzen dena. Gmail -en zerbitzuak erabiltzean, adibidez, Google-en zerbitzarietan gordetzen da informazioa. Dropbox bidez fitxategi bat partekatzean, fitxategia Dropboxi partekatzen ari da. Gauza bera Interneten zerbitzu hauek eskaintzen dituzten beste enpresekin. Amazon-ek AEBetako Seattle hirian duen egoitza nagusian hainbat ekintza egin izan dituzte enpresa honek CIArekin duen lotura salatuz. Irudian, 2014an hainbat ekintzailek tranbia geratu zuten. Eta zer gertatzen da fitxategi hauekin? Nork jakin. Erabiltzaileek fitxategiak ezabatzean ere, ez dago bermerik baieztatzeko zerbitzarietatik ere ezabatzen dituztela. 2017ko urtarrilean, adibidez, Dropbox en akats baten ondorioz, erabiltzaileei aurrez ezabatutako fitxategiak agertu zitzaizkien, batzuk zazpi urte lehenago ezabatuak. Bizitza pribaturako eskubidea pikutara? Etxeko telefono finkoen desagertzeak mugikorraren presentzia mugagabea ekarri du. Gehitu horri azken urteetan zabaldutako mugikorrek bi kamera dituztela –bata aurpegira begira, bestea herritarra ikusten ari denari irekita–. Gaur egun kamerak daudela milioika etxetako lekurik intimoenean ere, herritarrek bolondreski sartuta. Mahai gainean telefono mugikor bat jartzen den aldi bakoitzean, mikrofono bat jartzen da edozer entzuteko moduan –urrutitik erraz asko piztu daitekeena, edo beti piztuta dagoena–. 2011. urtean, orain zazpi urte, hauxe genioen ARGIAn Iphone, Android edo Blackberryak, kontrol sozialerako tresna bikainak artikuluan, Wikileaksek argitaratutako informazioan oinarrituta: "Zure mugikorra itzalita egon arren, non zauden seinaleak bidaltzen ditu. Zenbait enpresak mugikor horrek entzuten duen edozer soinu deszifratu eta horren atzean zein pertsona dagoen identifikatzeko teknologia garatu dute, hala nola, SS8 enpresak AEBetan, Hacking Team-ek Italian eta Vupen izeneko batek Frantzian". Internetera konektatutako telebista inteligenteen fabrikatzaile nagusietakoa den Vizio enpresak (Kalifornian kokatua, AEB), aitortu behar izan zuen orain bi urte bere telebistek erabiltzaileak zelatatzen zituztela: erabiltzaileek zer ikusten zuten erregistratzen zuen, nolabait, ikusentzunezko aisialdian pertsona zehatzek zer gustu dituzten zehatz-mehatz ezagutzeko aukera emanez. Informazio hau publizitate enpresei saltzen zaie Facebook, Google eta bestek egiten dutela ikusten denez. Noraino heltzen da elkar zelatatzea? Maiatzaren 3an argitaratu zenez, Pentagonoak debekatu egin die base militarretan dauden bere soldaduei Txinako Huawei and ZTE telefono markak erosi eta bertan sartzea, Txinako Gobernuak zelatatuko dituen beldurrez. Ignacio Ramoneten liburura etorrita, guzti honek herritarren bizitza pribatuaren erabateko inbasioa esan nahi du bere ustez. Wired aldizkariko kazetari ohi eta 3Drobotics enpresaren sortzaileak, adibidez, uste du etorkizun hurbil batean, droneak asko zabalduko direla. "Gure buru gainean milioika kamera izango ditugu hegan", zioen El País egunkarian eman zuen elkarrizketan. Drone hauen bilaketa " pattern of life " edo bizi ereduan oinarrituko da: norbaitek "arriskutsua" den pertsona baten antzeko pauta batzuk ageri baditu "bisualki", seinalatua izango da. Guztiak gehiegizkoa dirudi 2018 urte honetan, baina oharkabean igarotzen diren albisteetan erreparatuz gero, industria militarra norabide horretan doala jabetuko da bat. Maiatzaren 16an ondorengo albistea argitaratu du Ser irrati kateak, bideo eta guzti: " RoboFly : Inolako bateriarik behar ez duen lehen eulirrobota aireratu da". Munduko herritar guztien datuak? Baina fisikoki nola gordetzen da milioika lagunek sortzen duten horrenbeste informazio? The NSA is building the country's biggest spy center (watch what you say) erreportaje mamitsuan – NSA herrialdeko espia zentro handiena eraikitzen ari da (kontuz zer diozun) euskaraz– horri erantzun zioten Wired gunean. 2014tik funtzionamentuan da Utah Data Center izeneko munduko datu gordailurik handiena, milaka zerbitzarirekin eta komunikazioak filtratzeko eta enkriptatuta doazenak hausteko ardura duten milaka langilerekin. 2017ko abenduan, munduan bizi diren 7.500 milioi pertsonatik 4.156 milioi Internetera konektatuak zeuden Internet World Stats -en arabera. "Jende guztia da helburua, komunikatzen duen edonor da helburua", zioen Wired -eko erreportajean NSAko langile ohio batek. Imaginatzen al dugu munduko herritar guztien datuak etengabe dituen egitura bat? Ba al du zerikusirik honekin orain gutxi Facebookeko sortzaile Marc Zuckerberg-ek esandakoa, Internetera konexioa giza eskubidea behar lukeela eta mundu osoko herritarrei bermatu behar zaiela? Informazio gehiegi The Human Condition liburuan, Hannah Arendt filosofoak dio bizitza pribatua desagertzea kalamitate izugarria litzatekeela. Pertsona libreen amaiera litzateke, eta gizartea totalitarismo forma berrietara eramango luke bere ustez. Horren aurrean, zelatatze masiboaren arriskuak benetan ulertzen direnean hartu ahal izango dira estatuen burujabetza eta pertsonen pribatutasuna babesteko neurriak. 1948an Orwellek erabateko kontrola irudikatu zuen 1984 lanarekin. Diktaduren obsesioa da kontrola, eta berak ez zuen bizi izan hau. Ignacio Ramoneten ustez, "gaur egun Orwellek irudikatu zuena bizi dugu, baina demokrazia deituta". Internet ere, hasieran askatasun iturri izandako eremu deszentralizatua, goitik behera aldatu da. Egun, oligopolio gutxik botere kontzentrazio imajinaezina daukate eta bizitza pribatuetan sartzeaz gain, –euskaraz bizitzeko arrazoi gehiagoren bila genbiltzan?– informazio jarioa kontrolatzeko gaitasuna ere badute. Horren adibide izan daiteke, Euskal Herriko Facebook orririk arrakastatsuenetako bat, 300.000 jarraitzaile zituen Muy Bastas ezabatu izana apirilaren 27an, Sanferminetan taldean egin zuten bortxaketari buruzko Irantzu Varelaren txio feminista batzuk zabaltzeagatik. Urteetan pilatutako komunitatea eta sarean eragiteko gaitasuna, bost minututan eta azalpenik gabe, zaborretara. Muy Bastas returns orriarekin erantzun dute ekintzaileek. "Gobernuak edozer gauza egingo du bere burua "etsai nagusitik" babesteko. Eta edozein gobernuren "etsai nagusia" bere herria da. Enpresa pribatu handiek herritarren bizitzarekiko kontrol absolutua babesten saiatuko diren bezala", uste du Noam Chomsky hizkuntzalari, filosoko eta ekintzaileak. Enkriptatu, defendatu Ez al da bizitza pribatua gure askatasunaren parterik handiena? Ez al gara informazio gehiegi ematen ari? Zer egin honen aurrean? Ignacio Ramonetek L'Empire sous Surveillance liburuan kapitulu bat eskaintzen dio gaiari. Mezuak enkriptatzea edo kodifikatzea da autodefentsa neurri nagusia adituek diotenez. Ondorengo zerbitzuak zerrendatzen ditu liburuan: Signal, Telegram, Wickr, TrueCrypt, ProtonMail eta Threema. Baita TOR sare anonimoa ere. Wired hedabide espezializatuan jaso izan dute NSAk aitortu izan duela ez dela gai mezu enkriptatu asko deszifratzeko, hauen konplexutasun mailaren arabera. Gaian hasiberriei zuzendutako Smartphones: Guía básica de privacidad, anonimato y autodefensa digital para novatxs liburuan ondorengo gaiak lantzen dituzte –https://cottonio.no-ip.org/hacklab/–: mugikorrerako nabigatzaile seguruak, sare sozialak, email zifratuak, pasahitz seguruak nola sortu –batetik esaldiak erabiltzea pasahitz gisa; bestetik, inoiz ez pasahitz bera bi lekutan–, momentuko mezularitza aplikazioak eta zerbitzu hauen hornitzaile etikoak. Autodefentsaz gain, kontraerasoa antolatzen saiatzen ari dira mundu osoko ekintzaileak ere: eskubide digitalak bermatzera zuzendutako Interneten Aldarrikapena proposatzen ari dira, NBEren Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren antzeko zerbait. "Estatuaren zelatari aurre egitea, errugabe zarenean, borroka politiko bat da. Zeure burua babesten ikastea lehen pausoa da. Gero, gerrilla digitalera pasa behar da: espiak engainatu, itsutu, gure Interneteko konexioak disimulatu, gure e-postak zifratu, gure mezuak babestu. Helburua da algoritmoak erotzea, salatari digital sekretuak gu kontrolatzeko ez gai izatea", dio Ramonetek. Badakigu beraz, egunero sarean zentzurik gabeko bilaketak egitera. Latuff marrazkilariaren ironia.
news
argia-b34c95eabc4e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/maria-figols-osasuna-zimenduetan.html
"Bertan bizi direnak gaixotzen dituena, eraikin gaixoa da"
Ander Perez
2018-05-27 00:00:00
"Bertan bizi direnak gaixotzen dituena, eraikin gaixoa da" Laister hasiko da Agotzenea egitasmoa itxura hartzen: Ander Magallon eta Urtzi Arrieta  gazteek bultzatuta, ekohezkuntza zentru bat eraikiko dute Zubirin, Nafarroan. Bioeraikuntza ikastaroa eskainiko dute uda osoan, eta bertako ikasleek lagunduko dute eraikuntzan. María Figols (Zaragoza, Espainia, 1981) izango da ikastaro horretako formatzaileetako bat. Ez da alferrik arloko ahots kualifikatuenetako bat. Zer da bioeraikuntza? Bioeraikuntzak zentzua ematen dio eraikuntzari, arkitektura tekniko eta konbentzionala humanizatzen du, eta arkitektura tradizionala errespetatzen du. Eta hori guztia, bere jarduerak gure planetan eta eraikinetan bizi garenon osasunean duen talka kontuan hartuta. Bioeraikuntzak gizakiak bere inguruko eraikinekin dituen harremanak aztertzen ditu. Izaera integrala du: etxe bat eraikitzeko behar diren materialak hartzen ditu kontuan, baita hura eraikitzeko tokia ere. Zein neurritan eragin dezakete eraikinek gure osasunean? Zaila da zehaztasunez hitz egitea, pertsona bakoitzak sentsibilitate ezberdina baitu, baina alergiak, hipersentsibilitateak eta ingurugiro gaixotasunen kasuak hazten doaz, eta faktore komunak dituzte: atmosferaren kutsadura, aldaketa klimatiko antropogenikoa, erradiazio ez ionizatzaileenganako esposizioa, kimika sintetikoz egindako produktuak... Gure egunerokoan aurki ditzakegun eragile kutsakorrak dira, eta horietako batzuk gure eraikinetan daude, bai erabili diren materialengatik, bai mantentze eta aireztatze lan eskasak egin direlako baita bestelako eraikuntza patologiengatik ere. Izan ere, gure denboraren ia %90 ematen dugu eraikinen barruan.   Bai, hori dio OME Osasunaren Munduko Erakundeak. EPAk (AEBetako Ingurugiro Babeserako Agentzia), gainera, zera dio: eraikinen barruko airea kanpokoa baino 3-5 aldiz kutsatuago dago. Beraz, ziurtatua dago elementu kutsakorrenganako esposizioa. Gainera, naturarengandik urruntzen goaz, eta natura da gure organismoa erregulatzen duena. Beraz, geroz eta tresna gutxiago dugu defentsarako. Kontziente al gara horretaz? Orokorrean, ez. Gure eguneroko estresantean, ingurugiroarekiko harremana ez da lehentasuna izaten. Sektoreari, gainera, ez zaio interesatu izan airearen kalitateaz, erradiazioez edota eraikuntza materialek isurtzen dituzten sustantziez hausnartzea. Gure etxeen azaleko edertasunaz arduratu izan gara, eta material naturalen erabilera hippien txabolekin, antzinako eraikinekin edo ordaindu ezin ditugun goi mailako etxeekin lotu ohi dugu. Baina ez da hala: eraikin eder batek barrutik eta kanpotik behar du ederra, eta horretarako ezinbestekoa da osasungarri izatea. Horrek, berez, ez luke kostu handiagorik eragin beharko. Argazkia: Josu Santesteban Zer da eraikin gaixo bat? Bertan bizi direnak gaixotzen dituena. OMEren arabera, eraikin batean bizi direnen %20ak sintoma beretsuak agertzen dituenean –arnas bideen lehortze eta narritadura, azalaren eta begien narritadura, buruko mina, nekea, hotzeriak– eraikina gaixo dago. Zentralizatutako aireztatze sistemak, akabera sintetikoak, hezetasun erlatibo baxua, hermetismo handia eta mantentze desegokia duten eraikinak dira. Eta zer da eraikin osasungarri bat? Osasuna ez da gaixotasunik eza, ongizate fisiko, mental eta sozial osoa baizik. Beraz, eraikin osasungarria osasuna ematen diguna da, ez bakarrik gaixotzen ez gaituena. Eraikin osasungarri batean, arkitekturak, ubikazioak, inguruarekiko harremanak eta materialek konforta, ongizatea, eta hortaz, osasuna eskaini beharko lukete. Ingurugiroarekiko errespetuz eraikitakoak dira. Bizitzarako pentsatutako, eraikitako eta habitatutako eraikinak. Izatez, ez da ezer berririk. Arkitektura tradizionala berreskuratzean datza. Hori da. Bioeraikuntzak herri arkitekturan erabili ohi diren materialak berreskuratzen ditu, gaur egungo beharretara egokituz. Eraikuntzak motor ekonomiko gisara izandako hazkundeak eraikuntzarako epeak aldatzea ekarri zuen, etekinak bizkortuz. Eraikitzeko artetik hormigoi armatura pasa ginen, obra handietara, garapen teknologiko handietara, naturak ematen dizkigun materialak alde batera utziz. Ahanzturak gainbeheran doan ondare tradizionala utzi du, itxuraz balorerik ez duen iragana aurkeztuz, eta modernitatearen eta aurrerapenaren itxurak eginez. Baina errealitatea da gure eraikuntza tradizioa bizirik dagoela, aberatsa dela, eta bere iragana izateaz gain, balio handia duela orain eta etorkizunean. Bioeraikuntza mendiko txabolarekin lotu da. Irudi hori aldatu nahi duzue. Egia da modu horretan egindako etxe txiki asko daudela mendian eta landa eremuan,  errazagoa izan delako ingurugiroarekin lotura hori nahi duten promotore pribatuak aurkitzea. Baina bioeraikuntza batez ere hirian da beharrezkoa, han behar delako osasuna, lurra eta ingurune naturala berreskuratu. Horregatik behar du garaikidea izan. Bioeraikuntza, izan ere, ez da joera estetiko bat, bizileku osasungarri, eraginkor eta jasangarri baten beharra baizik. Eta bat dator joera estetiko garaikideekin. Beraz, mendiko txabola bat egin dezakegu, baina baita etxebizitza eraikin bat ere, hiri erdian. Natura bera da mugak jartzen dituena.
news
argia-abbcfccd8c9d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/soldata-politikoak-eta-miseriazko-pentsioak.html
Soldata politikoak eta miseriazko pentsioak
Juan Mari Arregi
2018-05-27 00:00:00
Soldata politikoak eta miseriazko pentsioak Pentsiodunek –PPk eta EAJk elikatutako salbuespen gutxi batzuk izan ezik–, bi alderdion paktu oraindik argitu gabea arbuiatu dute, eta mobilizazioekin jarraitzen dute pentsio publiko duinen defentsan. Astelehenetako ohiko elkarretaratzeei aste honetan gehituko zaizkie hiriburuetan deitu diren manifestazioak, maiatzaren 26an. PPren eta EAJren arteko akordioaren kontra daude ez zaielako aski iruditzen eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen segitzen dute, Europako Karta Sozialak dioen moduan. Gobernuen tesia da sistemak ezin izango lukeela jasan pentsio txikienak gutxieneko 1.080 eurora igotzea. Hori diotenek eta pentsio miserableak inposatzen dituztenek bestelako soldatak kobratzen dituzte ordea: Urkullu lehendakariak 7.140 euro jasotzen du hilean eta parlamentari batek berriz 5.000 euro. José María Aznarren ildo berean doaz beraz. Duela hamahiru urtetik urtean 80.000 euroko biziarteko pentsioa poltsikoratzen du Espainiako Estatuko presidente ohiak, eta inongo lotsarik gabe zera baieztatu du: "Ez badugu ezer egiten pentsioak pobretuko dira, 70 urterekin jubilatu behar da". Hori aurpegia! Ez da egia sistemak ezin duenik herritarrek eskatutako pentsio igoera jasan. Borondate politikoa besterik ez da behar, eta lehentasunak jartzea aberastasuna birbanatzeko. Politika fiskal justuagoa, alegia. Zergatik jaso behar dituzte lehendakariak eta parlamentariek halako soldata potoloak, Euskal Herrian 250.000 lagunek 700 eurotik beherako pentsioa jasotzen duten bitartean? Are gehiago, pentsiodunen erdia hilean 1.000 eurora iristen ez den bitartean? Pentsiodun, gazte nahiz herritar, elkartuta segi behar dugu mobilizatzen, gaurko eta biharko pentsio publiko duinak lortu arte. Pauso bakar bat ere ez atzera!
news
argia-a211f0d588fc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/ardoa-minagre.html
Ardoa, minagre
Jose Inazio Basterretxea
2018-05-27 00:00:00
Ardoa, minagre Sarako Joanes Etxeberrik, gauzak modu ilunean eta era desegokian azaltzen ibiltzea irudikatzeko, honela idatzi zuen hamazortzigarren mendean: "Arnoa kridatzen dute, eta minagrea saltzen". Hau da, ardoa aldarrikatu, eta, haren ordez, ozpina eman. Segitzen du Etxeberrik bere irakurketarekin: "Sugearen propietatea dute (ardo-saltzaile horiek): sugeak xistuz dagoela ausikitzen du". Hartara, txirulari txerrena, delako suge hori. Exeberriren narrasti musikaria kiribildu zitzaidan lepora lehengo batean, enkarguak egiten ari nintzela, erosgaien etiketak irakurtzen nenbilenean. "Gure" ardoen jatorri-izendapenak leitzen niharduen: Rioja, Rioja alavesa, Errioxa arabarra, Navarra... Eta horretan, letagin bik heldu zidaten. Direnak eta ez direnak omen dauzka salgai merkatuak; baina, nik etxekoak nahi etxerako, eta aurkitu ez. "Gure" ardoak ez baitaki euskaraz... Ingeles hutsezko etiketak aurkitu nituen. Gaztelania hutsezkoak. Hizkuntza horien nahasturan oinarritutako elebidun erdaldunak. Baina, euskarazkorik ez. Edarien etiketetatik informazio baliagarria –anekdotikoa baino, argigarria eta beregaina–euskaraz jaso nahi baldin banuen, txakolina eros nezakeen, sagardoa, garagardoa... baina ardo beltz arabarrik ez, ezta ardo gorri nafarrik ere. Non daude? Ala, ez dago? Lehiakortasunezko norgehiagokaren barruan, merkatu-esparru jakin bat eskuratu nahi dute "gure" ardogileek. Diotenez, leku propio bat nahi dute, berezia eta bereizia: haien ardoa den lekukoa delako eta egiten den moduan egiten delako. Araba aipatzen dute batzuek, euren autoretzaren giltzarri. Nafarroa beste batzuek. Baigorri. Araba, Nafarroa... euskara tanta bat etiketaren batzuetan; euskara batere ez etiketa askotan eta askotan. Salbuespenak ba omen dira; baina, salbuespen. Arabako eta Nafarroako ardogile horiek nora begira jarrita dauden ez nuke publikoan esan gurako.... Ekonomia-arrazoi bat da lekukotasunaren errebindikazioa. Logiko, zilegi eta beharrezkoa. Merkatua dute jomugan enpresa txiki eta handi horiek, kutxa erregistratzaileari so bizi baitira. Horretara dator autoretzaren aitortza etiketan atxikitzea. Eskertzekoa da, bestalde, zer nondik datorren azaltzea. Baina informazio-ohar izateaz gain, etiketak badira, izan, irudi, erakusleiho, seinale, lorratz... ia-ia pasaporte. Nortasun-agiri. Gauza serioa dira publikoari erakusten zaizkion dokumentuak, administrazioek bermatu behar dituzte bertako adierazpenen egiatasuna eta egokitasuna. Eta euskarak, lekurik ez etiketa, irudi, erakusleiho, seinale, lorratz eta nortasun-agiri horietan... Ardo onak galtzeko eta ozpintzeko lehen urratsa, hortxe.
news
argia-f657d29ff61e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/hedabideen-manipulazioa-adibide-bat.html
Hedabideen manipulazioa: adibide bat
Itziar Bardaji Goikoetxea
2018-05-27 00:00:00
Hedabideen manipulazioa: adibide bat Pasa den maiatzaren 9an Diario de Navarra egunkarian Iruñeko gaztetxeetako batek, Errotxapea auzokoak, orrialde oso bat hartu zuen: "Vómitos, ruidos y hurtos, el colmo vecinal por el gaztetxe".  Artikulua irakurtzen hasi eta auzokideak ez dira antolatu, ez da inolako prentsaurreko edo adierazpenik egon, ez istilurik. Berri hau argitaratzeko ez dago motibazio agerikorik. Kazetaria auzora hurbildu eta galdera batzuk egin ditu.          Bat, bi, hiru, lau, bost auzokideren testigantzak. Batek eraikinen utzikeria egoeraz, beste batek: "Incluso drogas" , hirugarrenak: "Mi abuela está agobiada" ; gero: "Pedimos su desalojo" eta azken bat zarataz kexu. Okaden eta zikintasunaren arrastorik ez. Lapurretei buruz, "pequeños hurtos en los balcones" . Igual lorontzi bat hartu du norbaitek? Egia ere ez da izango. Gertaera "hain larri" hauek idazkera oso sentsazionalistaz, oinarririk gabeko baieztapenez, handizkatze eta ahoberokeriez josita daude. Eta lotsarik ez. Azalera, argazki eta guzti: "Vecinos de la Rochapea contra el gaztetxe". Hasia da UPN hauteskunde aurre-kanpaina prestatzen, okupazioa eta gaztetxeak hautatu ditu euren armen jomuga. Bagenekien. Badakigu ere hedabideen papera zein den. Baina mesedez, duintasun apur bat, gutxienez.
news
argia-729ae48be5f3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2600/stalag-fikzioa.html
Amesten al dute israeldarrek emakume naziekin?
Gorka Bereziartua Mitxelena
2018-05-27 00:00:00
Amesten al dute israeldarrek emakume naziekin? Israelgo estatuak 70 urte bete berri ditu eta gertakari horrek literaturan izan duen agerpenaz aritu dira zenbait hedabideren kultur gehigarriak azken asteetan –bitartean, nazioarteko orrialdeetan, hildako palestinarren berri ematen zuten–. Fikzio israeldarraren azken zazpi hamarkadetako errepasoa egitean, ordea, ez da aipatu hango literaturaren fenomeno arraro bat: Stalag fikzioa. 1960ko hamarkadaren hasieran, nazien preso-esparruetan girotutako literatura erotikoak milaka irakurle izan zituen estatu sionistan. 1961. urtean Adolf Eichmann gerra kriminal naziaren kontrako epaiketa hasi zen Jerusalemen. Israeldar gehienek arreta handiz jarraitu zituzten auzi horretako saioak. Lekukoen testigantzak entzun eta II. Mundu Gerrako masa-hilketa bortitzenetako batzuk ezagutu edo berriz gogoratu zituzten juizio horren bitartez. Segur aski Hannah Arendt-en Eichman Jerusalemen (Klasikoak bilduma, 2007) da epaiketa horri buruz argitaratu den libururik esanguratsuena. "Gaizkiaren banalitatea"-ri buruz pentsarazten du saiakerak, agerian utziz Eichmannek epaiketan ez zuela gorrotorik edo erru sentimendurik adierazi, ezta jarrera bereziki antisemitarik ere. Milaka juduren heriotzaren erantzule izan zen SSetako kideak "bere lana" egin zuela deklaratu zuen, besterik ez. Eichmann gertuago zegoen funtzionario gris baten jokamoldetik piztia batenetik baino, Arendtek idatzi zuenez: "Fiskalaren ahalegin guztiengatik ere, juizioan denek ikusten zuten gizon hura ez zela 'munstro' bat, baina oso zaila zen ez pentsatzea ez ote zen pailazo bat". Adolf Eichmannen aurkako epaiketak II. Mundu Gerrari buruzko jakin-mina piztu zuen Israelen eta gaiari buruzko literatura herrikoia asko ugaritu zen, tartean, gerra eta erotismoa uztartzen zituen Stalag generoa Arendten liburuak polemika eragin zuen, kritikatu zuelako Israelgo estatuak epaiketa nola bideratu zuen. Zenbait lagun galdu zituen eta Holokaustoaren biktimekin sentsibilitaterik ez edukitzea ere leporatu zioten. Bestelako kontakizunak behar zituzten irakurle israeldarrek, zalantzarako tarte gutxiago uzten zutenak. Eta garai berean, epaiketak herritarren artean pizturiko interesa baliatuz, II. Mundu Gerrarekin lotutako literatura herrikoi ugari hasi zen iristen Israelgo irakurleen eskuetara. Eli Eshed ikerlariak Stalag literatura aztertzen duen artikulu batean azaltzen duenez, itzulitako liburuak izaten ziren gehienak, zeintzuetan egileek kontatzen zituzten gerra-preso zirenean nazien esparruetan bizi izandakoak, abentura-kutsuko narrazioak eskainiz. Zauriak oraindik bizi-bizirik zeuden eta estatua kontrolatzen zuten botereek kontakizun publikoa marra gorrien artean nahi zuten: giroak asko baldintzatzen zuen II. Mundu Gerraz idaztea, baina publikoaren jakin-minak bultzatuta, argitaletxeak geroz eta apustu handiagoak egiten hasi ziren gerrarekin lotutako publikazioetan. Gainera, formatu berri batean argitaratzen ziren 1939tik 1945era bitarteko gertakarietan oinarritutako liburuok, patrikan sartzeko moduko tamaina zeukaten azal koloretsuko edizioetan –ordura arte detektibe-nobelen, western generoko liburuen edo Tarzan bezalako heroien istorioen esparrua izan zen liburu mota hori–. Gehienetan pertsonaia zintzo eta gaiztoetan oinarritutako kontakizun manikeoak izan arren, liburu horietan agertzen hasi ziren zirrikitu batzuk, deskribatzen zutelako, adibidez, zenbait nazik preso zeuzkaten pertsonekin izandako jokabide "humanoa". Gerran "beste gauza batzuk" ere gertatu ziren esterminio krudeletik harago: hori adierazten zuten arrakasta handiz saltzen ziren zenbait liburuk. Oinarriak jarrita zeuden hurrengo jauzia emateko. Fantasia sexualak naziekin 1960ko hamarkadako poltsiko-liburuen ugaritze horren barruan, pixkanaka agertzen hasi ziren askatasun sexual handiagoko edukiak. Berritasun nabarmena zen, izan ere, Esheden arabera, sexua erabateko tabua zen gerra osteko literatura israeldarrarentzat. Eta 1961ean, kioskoetan saltzen ziren liburu-sailen panorama irauliko zuen lana agertu zen, fenomeno bitxi baten lehenbiziko alea: Stalag 13 . Nobelaren azalean "Yanshuf" izeneko morroi baten izena agertzen zen editore, pseudonimo bat, zeinaren atzean Ezra Narkis zegoen, Elephant argitaletxeko kidea eta 1950eko hamarkadaren erdialdetik negozioan zebilena. Idazlea berriz, Mike Baden delako bat zen, Eli Kedar idazle israeldarraren ezizena. Kedarrek jada idatzia zuen naziek gerra-presoentzat martxan jarritako esparruetan girotutako beste liburu bat, zaindari sadikoak protagonista zituena. Stalag 13 -n, ordea, berritasun bat zegoen: zaindariak emakumeak ziren. Emakume nazi sadikoen menpe zegoen soldadu aliatu baten istorioa kontatzen zuten Stalag generoko nobela gehienek Liburua benetako testigantza balitz bezala merkaturatu zen, Baden gerrako pilotua izan zela aditzera emanez. Istorioan, naziek preso hartzen dute eta esparru batera eraman, zeinean emakume zaindarien perbertsio sexualaren menpe geratzen den. Eshed ikerlariak nabarmendu du, gainera, nobelan zaindarien arteko sexu-harreman lesbikoak ere agertzen direla, presoei egindako torturen artean. Milaka ale saldu zituen. Genero berri bat sortu zen: naziek gerra-presoentzako antolatutako esparruetan girotutako eleberri erotikoak. Liburuen azaletako ilustrazioetan emakume naziak uniforme estuz jantzita agertzen ziren, eskote zabalekin eta dominatrix itxurarekin. Eta Stalag generoko lehenbiziko liburuetako sexu-eszenak gaur egungo irakurlearentzat nahiko xaloak gerta daitezkeen arren, garai hartako irakurle israeldarrak probokatzea lortu zuten. Formula asmatuta, behin eta berriz errepikatu zuten literatura herrikoia publikatzen zuten zenbait argitaletxek, bariazio txikiekin. Ia beti istorio bera kontatzen dute Stalag liburuek: soldadu britainiar edo estatubatuar bat alemaniarren atzaparretan erortzen da, preso eramaten dute esparru batera eta han basatiki torturatzen dute emakume nazi krudelek, istorioaren amaieran protagonistak askatzea lortu eta zaindarien kontrako mendekua hartzen duen arte, bortizkeria sexual handiko eszenetan. Salbuespen bakarrenetarikoa eta, Esheden arabera Stalag generoko lanik onena, 1963ko Ni nintzen Stalageko komandantea nobela da, Martin Rosenberg ezizenarekin Meron Urielek argitaratutakoa. Emakumeak dira presoak kasu horretan, ez gizonak. Eta eremua kontrolatzen duen ofizial naziaren ikuspuntutik kontatzen da istorioa: bere biktimak indiferentzia handiz torturatzen ditu, gehiago arduratzen du beste naziekin daukan botere-lehiak. Kezka moralik gabeko bortizkeria horrek eta erakusten duen aginte-goseak ispilu-jokoa egiten du, ikerlariaren ustez, Eichmannen figurarekin. Mota honetako ilustrazioak edukitzen zituzten Stalag generoko nobelek liburuen azaletan. "Pornografia" ofiziala eta pornografia literarioa Ibilbide laburra izan zuen Stalag fenomenoak, argitaratzen hasi eta bi urtera debekatu baitzituzten mota horretako liburuak Israelen. Gero, gainera, horrelako materialak publikatu zituzten editoreak "pornografia hedatzeagatik" zigortu zituzten eta polizia liburuak konfiskatzen aritu zen, haien zirkulazioa bigarren eskuko liburu-dendetara kondenatuz, arrakastaren leihoa ireki zien prentsako kioskoetatik urrun. Ni nintzen Schultz koronelaren puta pribatua izeneko nobelaren ondoren jo zuen legearen ukabilak liburu hauen aurka: lehenbiziko aldiz pertsonaia judutar bat agertzen zen nobelan ofizial nazi baten menpe. Urrunegi joatea zen hori garai hartan eta generoa lurperatu zuen estatuak.   Ari Libsker zine zuzendariaren ustez, Israelgo estatuak Holokaustoaz zabaltzen zuen imaginarioa ere pornografikoa zen eta Stalag fikzioak traumari aurre egiten lagundu zien estatu sionistako gazteei Ia 40 urtez Israelgo literaturaren historiak ezkutuan eduki ondoren, Ari Libsker zuzendariak Stalag fikzioari buruzko dokumentala estreinatu zuen 2007an, berriro B serieko istorio hauek hizketarako gai bihurtuz. The Times of Israel egunkariari egindako adierazpenetan, Libskerrek esplikatu zuen bere belaunaldiko beste israeldar batzuek ere bizi izan zuten egoera arraroa: nazien masa-hilketetatik bizirik atera ziren juduen biloba izanda, kontzentrazio-esparruak eta gerra hura ezagutu gabea, eskolan ikasi zuen zer izan zen judutarren esterminioa. Basakerien irudiak, askotan emakume biluziak protagonista zituztenak, klasean ikusarazi zizkieten sarritan –besteak beste, Bergen-Belseneko kontzentrazio esparruko hobi komun batean pilatutako milaka gorpuak edo Letonian naziek masiboki fusilatu aurretik biluzarazi zituzten emakumeak erakusten zitzaizkien ikasleei, judutarrek jasandakoaren berri emateko–. "Holokaustoaren memoria pornografia bihurtu zuten, mundu guztiak arreta jartzen zuen gauza grafikoetan eta izugarrikerietan", esplikatu zuen Libskerrek. Bere ustez, II. Mundu Gerrari buruzko kontakizun ofizial horrekin lotura eduki zuen Stalag generoaren arrakastak. "Jendeak traumari aurre egin behar zion eta gazteek Stalagak erabili zituzten horretarako". Beste zenbaiten ustez, Stalagek halako arrakasta lortu zuten, liburu horiek zirelako literatura porno ia bakarra eduki sexualak zentsuratzen zituen estatu batean. Badira gaiari buruzko interpretazio psikologikoak egiten dituztenak ere: publiko israeldarrak gaizkiaren erotismoa bilatzen zuela istoriootan, Stockholmeko sindromeak jota nolabait. Eta ikertzeko geratzen da, adibidez, zergatik identifikatu zituen genero honek emakume dominatzaileak judutarren etsai gorena ziren naziekin. Nolanahi ere, Israelgo estatua sortu zenetik 70 urte pasa direnean, sadismoa, erotismoa, heriotza eta morboa uztartu zituen Stalag fikzioa erdi-ezkutuan dagoen fenomenoa da oraindik, estatu sionistaren memoria kultural ofizialak gogoratu nahi ez duen zerbait izango balitz bezala. Errudun sentiarazten dituelako ote? Eta, hala balitz, ez ote lukete beste gauza batzuengatik sentitu behar errudun?
news
argia-7b049a45a5b0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/bizi-baratzea-eman-eta-hartu.html
Lautada arrearen bihotzean
ARGIA
2015-08-02 00:00:00
Lautada arrearen bihotzean Frackanpadan egin genuen Bizi Baratzea -ren azken aurkezpen solasaldia udako oporraldiaren aurretik. Plaza ezohikoa zen. Astebeteko kanpaldia burutzeko produktu ekologikoen azoka paratu zuten antolatzaileek –bide batez esanda, goreneko kalitateaz gozatu genuen!–, eta Jakoba Errekondok liburuaz emandako azalpenak testuinguru horretan primeran egokituko zirela pentsatu zuten. Baita asmatu ere. Beste askotan bezala ureztatzeari buruzkoak izan ziren zalantza gehienak. Errekondok oro har baratzea ez ureztatzeko egiten duen gomendioa ikasitakoa deseraikitzera behartzen ditu entzule doazkion ia guztiak. Zer esanik ez Frackanpadan, Araba erdialdeko lautada arrearen bihotzean. Egia absoluturik ez dagoenez, eta baratzean inon baino gutxiago, tokian tokikora eta unean unekora egokitu beharra izan zen han bildutako hogei bat lagunok motxilan eraman genuen ondorio nagusia.
news
argia-7bd61a4a2837
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/xabier-irujo.html
"Genozidioa pairatzen jarraitzen dugu, baina ez zaio izen hori ematen"
Reyes Ilintxeta
2015-08-02 00:00:00
"Genozidioa pairatzen jarraitzen dugu, baina ez zaio izen hori ematen" Genozidioa nazio bat desagerraraztea beste baten barruan diluitzeko dela dio Xabier Irujok. Bera bost belaunalditan erbestea ezagutu duen familia abertzaleko kidea da, eta Genozidioa eta Bake ikerketen irakaslea Nevadako Unibertsitatean, Renon. Zer da erbestea zuretzat? Etxea da. Gure familian erbesteratutako bosgarren gizaldiko kidea naiz. Herenaitona, Manuel Irujo Apeztegia tafallarra, 1838an diputatu karlista zelarik, atxilotzen saiatu ziren. Suitzara ihes egin zuen eta bueltan Lizarrara jo zuen. Han jaio zen Daniel Irujo, eta Aniana Ollorekin ezkondu zen. Haiek eta Danielen ama erbesteratuta, Iparraldera ihes egin zuten. 1936an, ondasun guztiak bahituta, familiako batzuk espetxean eta besteak fusilatu zituztela, 70 urte zituela Aniana Ollok berriro alde egin behar izan zuen, oraingo honetan Amerikara, seme-alabekin eta bilobekin. Gure gurasoak erbestean jaioak dira: aita Eusko Jaurlaritzak osatutako Bidarteko La Roseraie ospitalean sortu zen. Alemanek Iparraldea hartu ondoren, sei soldadu aleman etxean izatera behartu zuten familia. Amatxiren esanetan, kasko aleman bat izan zen aitaren lehen sehaska. Venezuelara jo zuten Eusebio Irujo eta Pilar Elizalde aitona-amonek. Ametzagatarrek ere, erbestea ezagutu zuten. Ama Buenos Airesen jaio eta Uruguain eta Venezuelan bizi izan da. Aberri Eguneko antolatzaile izateagatik, 1967an poliziak aita atxilotu zuen Iruñean. Torturatu zuten eta erbesteratu. Venezuelatik 1973an etorri ginen denok Lizarrara bizitzera eta han geundela polizia etxean sartu eta atxilotuta eraman zuten aita, gu guztien aurrean. Zazpi urte nituen. Nik ez nuen ezer ulertzen. Venezuelan dena zen ederra eta koloretsua eta hemen, aldiz, hotza, grisa eta etsaiez betea. Bi urtez egon zen Iparraldean eta gu maiz joaten ginen ikustera. Gordini bat genuen eta eserlekuaren azpian zegoen kaxoi moduko batean ezkutaturik eramaten genuen aita Lizarrara, eta egun berean berriz Hendaiara. Ama gidatzen, eta gu hiru anaiok, atzean aitaren gainean eserita. Azken hamar urteotan Estatu Batuetan bizi naiz. Gure seme-alabak, sei gizalditan erbesteratuak izan ez diren bakarrak, emigranteak dira orain. Zergatik hautatu zenituen genozidio ikerketak? Familiaren historiarengatik. Gure familiak eta beste hainbeste euskal familiek pairatu dituzten hilketak eta erbesteak genozidio fisiko kanpaina bateko atalak dira. Euskal erbeste politikoa Ameriketan izan zen nire lehen tesiaren gaia. Herrialde demokratikoetan ematen ez den zigorra da erbestea. Nazioarteko legeria humanitarioen arabera, ez da legezkoa. 1936tik 1939ra 150.000 lagun inguru erbesteratu zituzten herri honetan. Bestalde, ekonomian ezarri zen autarkiaren eraginez, jende askok alde egin behar izan zuen. Immigrantetzat hartu ziren, baina egiatan diktadurak sortutako miseria ekonomikoaren eraginez erbesteratuak dira. Politikoki eta kulturalki gauza oso garrantzitsuak egin zituzten atzerrian. Adibidez, 1936 eta 1950 artean euskaraz argitaratu ziren ia liburu guztiak Amerikan plazaratu ziren, Ekin argitaletxearen eskutik bereziki. Gure aitona Bingen Ametzagak 50eko hamarkadan itzulitako Juan Ramon Jimenezen Platero eta biok eta Shakespeareren Hamlet lan horren emaitza dira. Zein da genozidioaren helburua? Genozidioa da nazio bat desagerraraztea beste baten barruan diluitzeko: asimilazioa. Horretarako hainbat estrategia erabil daitezke eta, normalean, genozidio kanpaina batean guztiak erabiltzen dira batera. Giza taldeko kideen portzentaje bat hiltzea, desagerraraztea, espetxeratzea edo deserriratzea genozidio fisikoa da. Bestalde, giza talde horren zati bati baliabideak kentzea beste batzuei emateko, genozidio ekonomikoa da. Lokarri sozialak erraustea eta kode zibil berria ezartzea, genozidio soziala dugu. Erlijioa debekatzea edo inposatzea, alderdi politikoak eta identitatea defendatzen duten elkarte eta taldeak debekatzea, komunikabide batzuk diru publikoz laguntzea eta besteak ez, edo 27 urtez lizentziarik ez ematea, Euskalerria Irratiari egin dioten bezala, horiek denak estrategia genozidak dira. Inportanteena hau da: Politika horiek guztiak pakete berean datoz, eta logika bati jarraiki planifikatu, gorpuztu, ezarri eta kudeatzen dira, hemen eta Tibeten. Izua administratuz lortzen da, urtetako edo mendetako prozesuan. Emaitzak ikusi eta legeak egokitzen doaz, estrategia eraginkorrago egiteko. Ondorioak birrintzaileak dira. Euskararen aurkako erasoak ere genozidioaren atal bat dira? Bai. Azken 226 urteetan Espainiako eta Frantziako Estatuetan euskararen aurka egin den legedia aztertu dut IVAP-HAEErekin aurten argitaratutako liburuan. Esan daiteke eraso guztiak hiru multzotan sailkatu daitezkeela: hezkuntza, estatu administrazioa eta justizia. Genozidio kulturala beste esparru askotan ere ematen da: txistua jotzea debekatuta edo kontrolatuta egon zen, kalejirak egiteko baimen bereziak eskatu behar ziren, izen euskaldunak galarazita zeuden, euskal ortografia, toponimia… Euskal izaera erakusten zuen edozein adierazpen debekatu edo mugatzen zen. Herritik herrira, diktaduratik diktadurara pasa diren maileguak dira legeon arteko asko: goizeko zazpiaz geroztik euskarazko mezara joatea debekatu zen. Mussolinik Tirolen ezarritako legearen kopia dugu. Genozidioa pairatzen jarraitzen dugu, baina ez zaio izen hori ematen, eta ofizialki ezezten da. Hau da genozidio ikasketetako lehenengo ikasgaia: ez sinetsi ezer, ez sinetsi inori, irakurri eta ikertu lehen eskuko iturriak. Claud Cockburn kazetariak dioen bezala, "ez sinetsi ezer ofizialki ezeztua izan arte". Zer egin daiteke horri bukaera emateko? Lehenengo gauza hauteskundeak irabaztea, Nafarroan lortu berri den bezala, eta gero legedia aldatu. Bide zuzenena, Armeniako edo Ukrainako adibideei jarraiki, independentzia lortzea da, alegia, gure geroa gure esku izatea. Nola hartu duzu aldaketa politikoa Nafarroan? Ituna kristalezkoa da, eta ea luzaro irauten duen. 200 urtetan lehen aldia da Hegoaldean abertzaleok lau herrialdeetan eta lau hiriburuetan agintean gaudena, eta agintari euskaldunekin. Alde horretatik oso pozik nago. Uste dut itxaropentsu izan behar dugula. Gauzak poliki-poliki aldatzen ari dira. Arkitektura juridiko berri horretan zer da premiazkoena? Nafarroako Euskararen Legearen zuzenketak izan beharko luke lehentasuna. Nafar guztiei aukera berdina eman behar zaie gaztelaniaz edo euskaraz ikasteko. Hemengo errepresioa genozidioa izan dela inoiz onartuko al da? Ukapena da edozein genozidio kanpainaren azken urratsa. Toki gutxitan onartu da ofizialki gobernuak genozidioa eragin duela: Zeelanda Berrian, Australian, Estatu Batuetan… eta kasu horietan ere oso neurri apalak hartu dira. 1948/51ko Genozidio konbentzioa izugarri mugatua jaio zen eta mundu zabalean gertatu diren izugarrikeriak gizateriaren aurkako krimen edo gerra krimentzat hartzea errazago izan da orain arte. Izan ere, biktimak 100 milioitik gora izan dira XX. mendean, eta soilik 30 pertsona inguru kondenatu dituzte genozidioagatik. Txinan, Estatu Batuetan edo hemen, ez da oraingoz halakorik lortuko, estatuak boteretsuegiak direlako. Duela bi urte plazaratu zenuen El Gernika de Richthofen , hamar urteko lana, 12.000 agiri 40 artxibategitakoak. Zein da ekarpen nagusia? Genozidio guztietan esaten diren zazpi gezur nagusiak hemen ere esan zirela, Gernikaren inguruan. Lehen gezurra dena ukatzea izan zen. Dena purgatu zuten. Franco hil ostean hasi ziren zenbaitzuk egin izana onartzen, baina ondorioak ikaragarri leunduz: erredukzionismoa dugu hori. 200 bat hildako izan zirela onartu zuten eta herrian zeuden 10.000 pertsonetatik 2.000 inguru akabatu zituztela uste dut nik. Esan zuten hondamendia ez zela hainbesterako izan, baina eraikinen %85,2 erabat birrindu zituzten, eta gainerakoa larri kaltetu. %1 geratu zen zutik: arma fabrikak eta frankisten etxebizitzak herriaren sarreran, Mundakarako bidean. Lezio bat izan zen? Gerra esperimentua, baita Goerinek Hitlerri egindako urtebetetze oparia ere. Bonbatze sistema hura gerora Varsovian, Rotterdamen eta Stalingradon praktikan jarri zuten. Pilotu eta agintari berberak izan ziren guztietan. Izu bonbardaketaren helburua da herri edo hiri bat oso bortizki kolpatzea etsaiaren morala errausteko eta errendizioa lortzeko. Lehenago Eibarren, Durangon, Otxandion, Elorrion… egin zutenak logika bera zuen. Bonbaketen atlasa egiten ari naiz eta orain arte 600 bat bonbaketa zenbatu ditut urte hartan, Bizkaian nagusiki. Liverpoolen izan zara udaberrian Manuel Irujo katedra berrian, zer moduz? Izugarri aberasgarria izan da. Gonbidatu ninduten eta hiru hilabetez izan naiz han gauza pila egiten: zazpi hitzaldi eman ditugu, lau konferentzia, Ibarretxe eta zenbait ikertzaile gonbidatu genituen, liburu batzuk bidean jarri ditugu… Renoko Euskal Ikerguneko politika sailean argitara emango dugu Ibarretxeren tesia. Adibide praktikoa da tesia: agente genozidak giza taldea deuseztatu nahi duenean taldearen lotura kulturalak moztea da lehenengo eginbeharra. Ikuspegi positibotik heldu dio Ibarretxek tesiari. Lehendakari bezala, euskal gizartea krisialdi ekonomiko, sozial, politiko eta kulturaletik ateratzeko lehen pausoa kulturan eta gizarte gaietan inbertsioak egitea zela defendatu zuen eta emaitzak oso onak izan dira. Boiseko Jaialdian aurkeztuko du Ibarretxek liburua, lagun hurkoa nuen eta herri honen independentziaren alde hainbeste egin zuen Pete Cenarrusaren herrian. 1615 Baskavígin , euskal baleazaleen hilketa liburua aurkeztu berri duzu Donostian Etxepare Institutuak antolatutako kongresuan. Orain dela 400 urte, 1615ean, 86 baleazale gipuzkoar joan ziren Islandiara. Kanpaina bikaina egin eta hamaika balea ehizatu zituzten, baina azken gauean enbata izan eta dena galdu zuten. Hiru hil ziren. Danimarkako erregeak ematen zituen arrantzarako baimenak, baina horiek zituztenak bertako gobernadoreak saldutako lizentzia faltsuak ziren. Gobernadoreak ikusi zuenean arriskutsua zela euskaldun horiek han egotea, egia esaten ahal zutelako, harrapatu eta hiltzeko agindua eman zuen. Oso modu latz eta krudelean hil zituzten 32, eta besteek ihes egin eta etxera itzultzea lortu zuten. Jón Guðmundsson-ek hilketan parte hartu zuten batzuk elkarrizketatu zituen eta hark idatzitako txostena argitaratu dugu euskaraz eta beste hiru hizkuntzatan. Sarraskiaren ondoren, oso harreman komertzial eta pertsonal politak sortu ziren Islandiarekin, eta euskara ere ikasi zuten batzuek. XVII. mendean, hainbat euskara-islandiera hiztegitxo idatzi zituzten euskaraz ikasten laguntzeko. Esan daiteke horiek ditugula diasporako lehen ikastolak. Ikasle distiratsua izan zara beti eta hezkuntza sistemarekin oso kritikoa, zergatik? Egungo hezkuntza sistemak 1794an Frantzian osatu zen hezkuntza sistema publiko genozida du oinarri. Bertrand de Barèrek 1794an hezkuntza sistema publikoa gorpuztu zuenean kulturak akabatzeko sistema eratu zuen " la terreur linguistique " delako testuinguruan. Horrexegatik, sorreran sistema militarra zen, soldadu faktoria alegia, eta hala izaten jarraitzen du neurri batean. Egun mantentzen den gela barruko ordena, lerroetan eserita egotea, uniformeak, sexu banaketa, ikasgaiak eta curriculuma, zigorrak eta azterketa zorrotzak, irakasle-epailearen irudia, ikasteko ereduak eta estrategiak, buruz ikastekoarenak eta ortografiaren garrantzia, isiltasunaren premia... dena dago logika militarrean oinarrituta, eta dena, ondorioz, logika naturalaren kontrakoa da. 15 urteko gaztea zazpi orduz aulki batean eserita edukitzea erokeria da. Sozializazioa ari gara zigortzen. 15 urte nituela ikaragarri aspertzen nintzen klaseetan. Kaiola zen/da niretzat eskola. Orduan amak esan zidan: "Ez zaitez bihar klasera joan. Hemendik aurrera zuk erabaki noiz joan eta noiz ez". Otsailak 2 zen, hori da ordutik nire urtebetetzea. Gainditzen nuen bitartean nahi nuena egiteko agindu zidan amak. Hainbat mamu ere uxatu behar dugu: ingelesa 18 urterekin ikasi nuen nik eta ez dut sekula santan arazorik izan munduko punta guztietako unibertsitateetan ingelesez klaseak emateko.
news
argia-6695fb25e611
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/zoratuta.html
Zoratuta
unknown
2015-08-02 00:00:00
Zoratuta Zoratuta daude. Hori esan dit historia hau azaldu diodan lehenak. Japoniarrak zoratuta daude. Fruitu eskasia, nonbait, eta fruituekiko halako gurtza xelebre bat antolatua dute Japonian. Jaso dezakezun opari ederrena fruituren bat da. Horraino ados: fruituek merezi dute. Fruitu jakin batzuekiko zoramena izugarria da, ordea. Adibidez, Ishikawa eskualdean mahats ( Vitis vinifera ) berezi bat lantzen dute: 2008az geroztik saltzen da, eta, jendeak erreferendum batean aukeratuta, Ruby Roman du izena. Mahats mordo bakan batzuk besterik ez dira ekoizten; "premium" sailkaturiko mordoak gutxienez 700 gramo pisatu behar du, eta ale bakoitzak 30 gramo. 2010. urtean sei mordok soilik lortu zuten sailkapen hori. 2011 eta 2013 artean bakar batek ere ez. Iaz eta aurten, berriz, bai. Aurten dagoeneko egin dute mahats mordo ederrenaren enkantea. 700 gramo osatzen duten 26 aleko mordoa izan da onena, eta enkantean garestien ordaindua: 7.500 euro ordaindu ditu sukaldari batek, Masayuki Hiraik. Harantz joatekotan bazara, Nikko Kanazawa hotelean gozatzeko aukera izango duzu. Hokkaido irlako Yubariko meloiak ( Cucumis melo ) ere ez dira nolanahikoak. Gozoak, ura tamainan eta jateko punttu-punttuan dauden lehenengoak ordainezinak dira. Ikuskatzaile bereziak dira meloia hatz koskorrekin kax-kax joz maila gorenekoak diren edo ez esango dutenak. 2008an 19.000 euro ordaindu zuten meloi bakar batengatik... Ahosabaian ez dakit, baina sakelan paregabeak. Yubariko meloia bezala, angurria ere luxuzko oparitzat hartzen dute. Hokkaido irlan bertan soilik ekoizten da Densuke Black angurria, Citrullus lanatus var lanatus . 10-12 kiloko angurria da. Urtean 10.000 ale inguru hazten dute, eta batez beste 225 euro ordaintzen da. Uztako lehenak eskuratzeko, ordea, ikaragarrizko prezioa ordaindu behar da. Sekula ordaindu den gehiena 2008an izan zen; angurria bakar batengatik, 5.700 euro! Inguruan ere badugu horrelako mozkinik: Arrasate aldeko arbigarak, malko ilarrak, Noirmoutierko patatak...
news
argia-1b9cb1a8025e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/ziazerba.html
Ziazerba
unknown
2015-08-02 00:00:00
Ziazerba Gero eta gehiago jaten dugulako irudipena dut. Ziazerba edo espinaka, Spinacia oleracea , dendetan eta saskietan ugaritzen ari da. Baita baretzeetan ere. Gure amona Joxepa zenak esaten zuen ziazerba ernatzeko lurrak bero behar zuela. Jeneralean urtean bitan ereiten da: udaberrian martxo-apiril aldera eta udaran irailean. Udaberrikoa uda amaiera arte jango dugu; udarakoa udazken eta negu osoan. Tartean ereinez gero, udazkenerako tontortu eta garatu egingo da, eta negurako alferrik galdu. Uztailaren erdi aldera ikusi ditut ziazerba jaio berri hauek landare saltoki batean. Aldatu, aldatuko ditu baten batek, baina udazkenerako jaten al ditu!
news
argia-ff36556d137d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/ega-azterketa-eztabaidagai.html
EGA azterketa eztabaidagai
Onintza Irureta Azkune
2015-08-02 00:00:00
EGA azterketa eztabaidagai Aurkeztutako laurdenak baino ez duela gainditzen-eta, PSE-EEk berrazterketa proposatu du. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Patxi Baztarrikak, azterketa sakona egiteko konpromisoa hartu du. PSE-EEren aburuz, aztertu beharra dago EGA mailako azterketa, gaur egun Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoa kontuan hartuta C1 maila dena. 2014. urtean, aurkeztu zirenen %26k gainditu zuen azterketa. Baztarrikaren ustez, ez da ahaztu behar goi mailako profesionalentzako ziurtagiria dela eta horrek maila jasoa eskatzen duela. Alabaina, azterketa gainditzen duen kopuruak kezkatzen du, eta lanketa sakona egingo dute. Euskadi Irratian, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohiak adierazi zuenez, azterketara aurkezten diren ikasleen profila ezagutu beharko litzateke eta datu hori esku artean izanda ondorioak atera. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak aipatu ditu adibide gisa. Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruak irrati berean adierazpenak egin zituen eta haren ustez gakoa ez da gainditzen dutenen kopuruaz aritzea baizik eta ea EGA azterketak kalean eta lantokian euskara erabiltzeko gaitasuna bermatzen duen. Bestalde, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak adierazi duenez, A1 eta A2 mailak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markora egokitu dira. Hau da, bi mailetan ziurtagiriak eskuratu ahal izango dira eta azterketak euskaltegietan egingo dira. Ziurtagiriok ez dute baliorik administrazioko hizkuntza eskakizun modura, maila apalak baitira. Administrazioan aritzeko, gutxienez, B1 eskatzen da.
news
argia-ff3410be53f3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/almitza.html
Almitza
Koldo Aldalur
2015-08-02 00:00:00
Almitza Bernardo Atxagaren burutazioekin zerikusirik ez duen soinujolearen semea den aspaldiko lagun bat badut, eta grazia ikaragarria egiten dit duen ohitura batek: gustuko ardoari hitz egiten dio. "Nor dabil hor?", galdetu ohi dio ardoari tragoxka jo aurretik, ikusten ez badu ere antzematen duelako zerbait bizirik eta sasoiko badagoela eskuetan duen kopa barruan. Antzeko zerbait gertatu izan zait Almitza Sega Elkartekoen berri izaten dudanean. Hor daude, zarata handirik atera gabe, baina beti lanean, gure herriko usain goxoa zabaltzen Europa zaharrean zehar. Orain hemeretzi urte hasi ziren hemen herri bat badela eta bertako batzuek segak astintzen badakitela aldarrikatzen gure mugaz harat. Harrezkero hamaika belarditan aritu ondoren, Finlandia, Suitza, Alemania, Hego Tirol, Eslovenia, Katalunia, Okzitania eta beste hainbat bazterretan badakite nortzuk garen, gure kulturak zer dioen eta gure segalaritzak zer-nolako maila duen. Metodologiak harritzen nau gehien, gauzak egiteko erak, alegia. Ez naiz ni hasiko orain epaitzen zein bide den zuzena eta zein okerra gure helburuak lortzeko. Handikiak lehen ere gehiegi daude gurean, baina Almitzako hauen jarduna dut gustuko. Zarata gutxi eta lana beltz. Joan, ikusi, aztertu, hitz egin, adostu, ekarri, erakutsi, amore eman, errespetatu, onartu, abestu, amestu, eskatu eta lortu. Gure herri honetan sarri ordenan jartzeko gai ez garen aditzak dira. Askotan elkarren gainean pilatzen ditugunak. Haserretu, zatitu, etsi, beldurtu, egoskortu eta abarrez aldatu ditugun aditz oinarrizkoak. Eta sega kolpe bat hemen, beste bat han, ondorioak begi bistan ditugu. Abuztuaren 28tik 30era, garai batean Munategi baserria zen belardian, Loiolako Santutegiko atzealdean, Azpeitian, Europako Sega Txapelketa jokatuko da. Eta gu beste herri bat izango gara hizkuntzen zelaian, gure ereserkia segapotoan dugula azalduko gara, gure koloreak bihotzetan, gure egiteko erak arretaz zorrozturik. Eta orduan libreago sentitzeko modua izango dugu, politikarien diskurtsorik gabe, zer egin behar dugun esateko goitik bidalitako agindurik gabe. Kontxo, horrelakoetan zein gustura erabiltzen diren "gara" eta "dugu" aditzak! Segak eta lagunak, emakumeak nahiz gizonak lehian garaile izateagatik, ohartu gabe horrelako ekitaldi bat antolatzeko gai den herria libre dela berez, gainontzekoek diotenari kasu egin beharrik gabe. Almitza ongarritu gabeko lekuan hazten den belar askea eta egoskor xamarra da. Abuztu amaiera aldean beste zita bat dugu garenarekin eta izan nahi dugunarekin Loiolako Santutegian. Segi segak zorrozten.
news
argia-d4c5ea49b02c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/plutonen-ur-izotza-dagoela-uste-dute-zientzialariek.html
Plutonen ur-izotza dagoela uste dute zientzialariek
unknown
2015-08-02 00:00:00
Plutonen ur-izotza dagoela uste dute zientzialariek Uztailean NASAren New Horizons espazio-zunda Plutonera hurbildu eta hango argazkiak eta datuak bidaltzen hasi zen. Irudietan ikus daitekeenez, izotzezko mendiak daude Plutonen; mendion ezaugarriak kontuan hartuta, zientzialariek uste dute izotz hori urez osatuta dagoela. Oraindik ongi ulertzen ez den jarduera geologiko oso aktiboa dagoela ere behatu da. ttiki.com/340780 (Euskaraz)
news
argia-1ddb07e50d4f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/jolastu-gozatu-hazi.html
Jolastu, gozatu, hazi
Mikel Garcia Idiakez
2015-08-02 00:00:00
Jolastu, gozatu, hazi Haurren aisialdi parte-hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen Herri Hezitzailea lantaldea. 2015 Aisialdirako denbora biderkatu egiten zaie haurrei uda garaian. Eta aisialdia, jolasa, funtsezkoa da umeen garapenean. Herri hezitzaileen sarea eta hamahiru eragile batzen dituen lantaldeak gogoeta egin du, haurra erdigune eta protagonista dituen aisialdi eredu pedagogikoaz. Emaitza, hausnarketa teorikoa eta adibide praktikoak uztartzen dituzten bost liburuxka: Haurren aisialdi parte-hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen; Nola sustatu haurren parte-hartzea ikuspegi feministatik; Nola egin udaleku parte-hartzailea; Nola egin ludoteka parte-hartzailea eta Parkeak bizitzeko modu berriak. Haurraren benetako parte-hartzeaz mintzo zaizkigu liburuxkak, bizipenetatik eta zirraretatik abiatutako parte-hartzea, aniztasunean eta berdintasunean oinarritua, umeak subjektu aktibo eta eraldatzaile direla ulertuta, "pertsona oro, haur zein heldu, balioen transmisore baita". Harreman osasuntsuak garatzeaz mintzo zaizkigu, ahalduntze kolektiborako estrategiez, tokian tokiko ezaugarrien eta parte-hartzaileen araberako aisia/udaleku/ludoteka ereduak prestatzeaz, arauak adosteaz, espazioak hartzeaz eta antolatzeaz, ebaluaziorako metodologiez, helduen rolaz, parkeak sortu eta eraldatzeko aholkuez, beldur eta kezkei aurre egiteko moduez, haurrek diotena haiekin batera praktikara eramateaz, auzoko komunitatera eta herrira zabaltzeaz, umeekin elkarlanean sorturiko hiri-proiektuaz… Ez ditzagun umeak jardueretan hainbeste bideratu, diote, erabakimena berreskuratu dezatela, landu dezatela sormena jolasaren bidez. Argi dute egileek: "Jolasa behar biologikoa da".
news
argia-cdcaea028593
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/gaueko-itzalak-haizean-dilindan.html
Gaueko itzalak haizean dilindan
Joxerra Garzia
2015-08-02 00:00:00
Gaueko itzalak haizean dilindan Udako bero nagiak, ustekabean, bi klasiko handi eta berezi elkartu dizkit aurten, zori on edo txarrerako. Bata, Bob Dylan, aspaldikoa da, baina kantuak sortzen, diskoak plazaratzen eta kontzertuak ematen jarraitzen du 74 urte bizkarrean daramatzala (bazterrean ezin utzizko kargamentua baita hori, adin horretantsu zendu zen beste jenio kupel-sabel handi hark ohartarazi zigun bezala). 17 urte zituela Blowing in the wind ( Haizean dilindan ) betiereko hura idatzi zuen mukizuak ehunka kantu jenial idatzi ditu geroztik, eta apenas dagoen musika generorik noiz edo noiz landu ez duenik. Uztailaren 11n Donostian eskaini zuen kontzertuan, ordea, kantu gehien-gehienak inorenak ziren, ez bereak. Azken batean, Shadows in the night ( Itzalak gauez ) bere azken diskoa ere bereak ez diren kantuekin osatua dago, eta disko hori promozionatzea zen, noski, kontua. Bost musikari bikain lagun hartuta, perfekziotik gertuko emanaldia izan zen Dylanena. Perfekzioak perfekzio, ordea, Ilunbeko zezen plazan bildu ginen 4.000 bat entzuleen artean ez dut uste laurdenik ere ederrez asea itzuliko zenik etxera. Ni ez, behintzat. Hurrengo egunetan hainbat hedabidek plazaratutako iruzkinetan ere argi eta garbi nabari zen kontraesana, gustatu beharreko kontzertua nekez gertatu baitzitzaion inori benetan gustagarri. Dylan Dylan da, ordea, eta ezin ba argi eta garbi esan kontzertua kaxkarra izan zenik. Orain hurrena, Zurriolako hondartzan aritu zenean, higuingarria izan zen Dylanen jokabidea, batez ere Mikel Laboarekiko. Oraingo honetan ez da pasotismo maila horretara iritsi, baina jakin nahi nuke ba ote zekien non ari zen kantatzen, aurrean entzulerik ez balu bezala aritu baitzen denbora guztian. Hasieran, ez hello ez hola (eta, jakina, ez kaixo ) triste bat gabe ekin zion kantatzeari, eta berdin egin zuen atsedenaldian eta amaieran. Ez da inola ere ospea kontrako eztarritik joan zaion izar bakarra, baina jarrera hori ulergarriagoa da Julio Iglesias baten kasuan Dylanengan baino, bere kantuetan gizarteko galtzaileak baitira protagonista. Batek baino gehiagok aipatu duen dibismo hori gorabehera, Dylanek bere azken bira horretarako egin duen kantu hautuak eman dit zer pentsaturik gehiena. Dylan zale amorratua naiz, eta hala izaten jarraitu nahi nuke Donostiako kontzertuaren ostean ere. Horretarako, ordea, nola edo hala zuritu beharra neukan idoloaren jokabidea. Zuritze lanean, aspaldikoa izateari ere aspaldi utzitako beste klasiko are klasikoago bat, Jorge Luis Borges agor ezina, izan dut lagun. Klasikoez ari dela, zera dio idazle argentinarrak: klasikoak ez direla modu berezian idatzitako liburuak, modu berezian irakurtzen ditugun liburuak baizik. Miresmenez irakurtzen ditugun liburuak dira klasikoak. Gu irakurleon jarrerak bihurtzen ditu klasiko, ez idazkerak. Nik neuk, aitortu behar dut jarrera horretan joan nintzela Dylanen kontzertura. Dylan izan ez balitz, ez dut uste amaiera arte geratuko nintzenik. Halako kantu eder mordoaren egile izanik, eta jakinik bere kantuengatik garela haren zale amorratu, zer dela eta aukera hori egin? Dylan salbatzeko moduko erantzun bakarra Borgesek xuxurlatu dit belarri ertzera. Bere literatur obraz ari dela, zera dio une batean Borgesek: "Saiatuko naiz neure burua ez plagiatzen, nork bere burua plagiatzea baino askoz hobea baita inor plagiatzea". Amorruak amorru, Dylan zale amorratua izaten jarraituko dut.
news
argia-108ff8ff81bf
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/duela-14000-urteko-dentista.html
Duela 14.000 urteko dentista
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-08-02 00:00:00
Duela 14.000 urteko dentista Villabrunan (Italia iparraldean) 1988an aurkitutako gizaki baten arrastoak –zehazki, beheko hirugarren hagina– aztertu du berriki Boloniako eta Ferrarako unibertsitateetako ikerlari talde batek. Scientific Reports aldizkarian argitaratu dutenez, haginak duen txantxarra nahita tratatu zuten; ehun infektatua garbitzeko punta mikrolitiko bat erabili zuten. Orain arte, hortzeriaren tratamenduen frogarik zaharrenak Neolitokoak ziren (duela 9.000-7.000 urtekoak). Baina Villabrunako gizakia duela 14.000 urte datatu dute eta, beraz, Goi Paleolitoaren amaierakoa da txantxarra sendatzeko ahalegina. Horrenbestez, odontologiaren lehen mugarriak gutxienez 5.000 urteko jauzia egin du iraganera.
news
argia-16235eb84ec1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/ezkongabeen-pixaren-eta-askatasunaren-gaineko-zergak.html
Ezkongabeen, pixaren eta askatasunaren gaineko zergak
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-08-02 00:00:00
Ezkongabeen, pixaren eta askatasunaren gaineko zergak Erroma, K. a. 357. Manlio Capitolino kontsulak Vicesima Libertatis zerga ezarri zuen; esklabo bat askatzean esklabo horren balioaren hogeiren bat ordaindu behar zen. Tito Livioren (K.a. 59-17) hitzetan: "Kontsul horrek ez zuen ezer aipagarririk egin,  aurrekaririk gabeko berrikuntza bat izan ezik: esklabotzatik askatzearen gaineko ehuneko bosteko zerga proposatu zuen. Senatariek, legeak funts eskaseko altxorrari sarrera oparoak ekarriko zizkionez, onartu egin zuten". Bide batez, diru sarrera gehigarriak patrikaratzeaz gain, Manlioren asmoa askatutako esklaboen (libertoen) kopurua mugatzea zen, Erroman zerbitzuen eta lurren eskaerak gora egin ez zezan. Tito Livioren esanetan erabakiak ez zuen aurrekaririk, bai ordea ondorengo mordoa. Batzuk bitxi askoak, gainera. Vectigal urinae edo pixaren gaineko zerga Vespasianok kobratu zuen lehenengoz; kontuan hartu behar da gernua ez zela hondakin hutsa, besteak beste detergente modura erabiltzen zuten salgaia baizik. Aes Uxorium delakoak, aldiz, adin jakin batera ezkongabe iristen ziren gizonezkoak zergapetzen zituen; gaur egun ere ezkontzeak zerga-onurak dakartza. Portorium merkatariek produktuak saldu ahal izateko ordaintzen zuten zerga zen, hirietan sartzean, portuetara iristean eta mugak zeharkatzean kobratzen zietena. Vectigal Rotarium ibilgailuen –kasu honetan, gurdien– zirkulazioaren gaineko zerga zen. Galtzaden erabilera zergapetzen zuten, egungo autobideetako ordainsariek bezala, eta bildutakoa galtzada horien mantentze lanetara bideratzen zuten. Oinordetzaren gaineko Vicesima Hereditatum zerga Augusto enperadoreak sortu zuen. Diru kutxa publikoan hildakoak utzitako ondarearen %5 sartu behar zen, hileta gastuak kenduta, hiletengatik bildutakoa legioetako beteranoei erretiroa ordaintzeko erabiltzen baitzen. Gaur egun bezala, salbuetsitako gutxieneko bat zegoen, Augustoren garaian 100.000 sestertziokoa. Centesima rerum venalium edo Vectigal rerum venalium zerga ere Augustok ezarritakoa da. Lurren, etxebizitzen, animalien... salmenta-prezioaren %1 biltzen zuten, nagusiki gastu militarrei aurre egiteko. Esklaboak salgai bereziak ziren, nonbait, eta prezioaren %4 ordaindu  behar zen. Erroman justizia ez zen unibertsala, ezta doakoa ere. Auziaren edukia eta prozesuaren kostua balioztatzen zuten, eta kopuruaren berrogeirena Quadragesima Litium zergaren bidez jasotzen zuten. Benjamin Franklinek ederki esan zuen: "Ez dago ezer ziurrik, heriotza eta zergak izan ezik".
news
argia-d2331d3fe0ce
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/ekolingua-solas-jokoa.html
Hizkuntza egoerei aurre egiteko tresna
Malen Aldalur
2015-08-02 00:00:00
Hizkuntza egoerei aurre egiteko tresna Langabetua naiz eta euskaldun berria. Beno, duela 25 urte ikasi nuen euskara eta ez dakit noiz arte izango naizen "euskaldun berria", baina tira! Egia esan "berria" ez, baina "bakartia" banaiz. Euskara ikasi nuen sinetsita denok egingo genuela urrats hori, baina nire inguruan bakarra izan naiz, eta ez familian, ez kuadrillan ezin dut euskaraz egin. Gainera, iruditzen zait euskaraz ari naizenean, desiratzen egoten direla edozein aitzakia baliatzeko erdarara pasatzeko. Horrelako egoera batekin hasi daiteke, esaterako, EkoLinguA solas-jokoa. DiKomA Ekintza-ikerkuntza Proiektuaren emaitza da mahai jolasa. Egunerokoan sortzen diren hizkuntza egoerei aurre egiteko baliabideak eskaintzea da helburua. EkoLinguA (Ekologia Linguistikoaren bidezko hizkuntza komunitatearen Ahalduntzea) mahai jokoak eztabaida du oinarri, eta bost-zazpi pertsonako taldeetan aritzekoa da. Proiektua Eusko Ikaskuntzak eta Soziolinguistika Klusterrak garatu dute, besteak beste, ondoko bidelagunekin: Elhuyar, EHU, Bermeo, Zumaia, Oñati eta Errenteriako Udalak, HUHEZI fakultatea, Topagunea eta UEMA. Jolasaren iturburuan 2011n egindako hainbat topaketa daude, hala ere, 2012 eta 2014 urte bitartean gorpuztu zuten. "Euskararen iraunkortasuna bultzatu eta hizkuntza gutxituen aldeko jarrerak hartzeko eztabaidatzea ezinbestekoa zela ikusten genuen", dio Urangak. Hori dela eta, eztabaida ahalbidetuko zuten jolas baten bila hasi ziren; PlayDecide aurkitu zuten orduan. Aurretik, Elhuyar Fundazioak erabili zuen nanoteknologia oinarri zuen jolas bat egiteko: "Geure buruari galdetu genion ea nola egin genezakeen hizkuntza-ekologia oinarri zuen jolas bat formatu horren gainean, eta horrela sortu genuen EkoLinguA". Mahaiaren bueltan era anitzeko jendea bildu daiteke. Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko kideak uste du aberasgarria dela adin, jarduera eta euskararen inguruko jarrera ezberdina duen jendeak elkarrekin jolastea. Bakoitzak tabloi antzeko bat du aurrean, bertan kartak batzen joatea da kontua, azken helburua jokoa egitea. Lau karta multzo bereizten dira; bakoitza kolore batekoa: Zuria (egoera), berdea (informazioa), urdina (eztabaidatzeko galdera) eta laranja (erronka). Egoera bat abiapuntutzat hartuta –demagun hasieran aipatu duguna dela– hizkuntza-egoera zehatzak planteatu eta horien inguruan solastuko dira. Gero, informazio-kartelek hizkuntza ekologian oinarritutako argudioak lantzen lagunduko dio jokalariari; helburua, informazio hori aurreko kartetan planteatutako istorioekin lotzea da. Azkenik, eztabaida kartak daude, hauek, istorioetatik eta informazioetatik sortutako hausnarketa osatuko dute, ahalik eta karta-familia edo karta-multzo handiena lortuz. Hizketaldia baretzen edo norabidez urruntzen ari bada erronka txartela (laranja) erabiliko da jokalariak zirikatu eta eztabaidaren muinera itzultzeko; maiz ez baita erraza zurrunbilotik ateratzea. Nork jolas dezake? Urangak dio hamabost urte ingurutik gorako edonork jolastu dezakeela: "Beharrezkoa da gutxieneko adin bat izatea, baina hortik aurrera edozeinek jolasteko modukoa da". Hasteko, Errenteria, Zumaia, Oñati eta Bermeoko udal teknikariekin, Gipuzkoako Foru Aldundikoekin, Ikastolen Elkartekoekin eta beste hainbat erakunde espezializaturekin egin zuten froga. Baina jada euskaltegi, lantegi, gaztetxe eta gainerako edozein tokitan erabiltzeko prest dagoela esan du Soziolinguistika Klusterreko kideak. Hizkuntzaren gainean jarrera ezberdineko jendea batzea posible egiteko jokoa euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri. "Oso harrera ona eduki du orain artean. Jendeak erraztasun gehien duen hizkuntza hautatzen du eztabaidarako eta argudiaketetarako eta benetan interesgarria da iritzi ezberdinak ezagutzea", azaldu du Urangak. Taldeka jolastu behar da ezinbestean, eztabaida jolas bat denez gero, bost, sei edo zazpi laguneko taldeetan aritzea gomendatzen da. Jolasak ordu eta erdi inguru iraungo du, karta bakoitzarekin gutxi gorabehera 30 minutu. Jokoa bai? Zenbat? EkoLinguAk hizkuntza guztien iraunkortasuna oinarri hartuta, hizkuntza gutxituen aldeko jarrerak sustatu eta komunitatea ahalmentzeko lagungarri izan nahi du. Gaiaren inguruan hausnartzeko eta eztabaida sustatzeko jokoan zehar hainbat eztabaida-galdera planteatzen ditu. Honako hauek esaterako: Beharrezkoak al dira hizkuntza gutxituak? Modernoa al da elebakartasuna? Zer da errespetua? Nora garamatza hizkuntzen arteko hierarkizazioak? Berreskuratu ala irabazi? Zein da hizkuntzarik garrantzitsuena? Taldeak, ezinbestean, dinamizatzaile baten laguntza izango du: "Ikusi dugu dinamizatzaileak ezinbesteko garrantzia duela jolasean, bereziki, eztabaida eraginkorra izan dadin". Horrela, informazio-kartak, eztabaida-kartak eta erronka-kartak baliatuz, ahalik eta jokaldi gehien osatzea izango da helburua. Pentsatzera, eztabaidatzera eta denen artean ondorioak ateratzera bultzatzen duen jolasa da EkoLinguA, lagunartean zein bestelako edozein zirkulutan jolasteko egokia. Euskararen erronkak mahai gaineratu, posizionatu eta eguneroko hizkuntza-egoerei aurre egiteko erremintak eskaintzen dizkigu. Soziolinguistika Klusterreko webgunean dago jolasa eskuragarri PDF formatuan. Ez da erraza ordu eta erdian bukatzen, baina behin hasita seguru ez zaretela aspertuko. Jokoa bai? Zenbat?
news
argia-98136545f111
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/xabier-erro.html
"Everesten ikurrina jartzeagatik espedizio-buruak komisariara deitu zituzten, atera kontuak!"
Gorka Azkarate
2015-08-02 00:00:00
"Everesten ikurrina jartzeagatik espedizio-buruak komisariara deitu zituzten, atera kontuak!" 1980an iritsi zen Everest gailurrera lehen euskal espedizioa. 35. urteurrena bete den honetan, abentura hartan parte hartu eta aurretik prestaketa lanez arduratu zen Xabier Erro mendizalearekin (Lesaka, 1946) aritu gara solasean. Orduko kontuez eta mendizaletasunaz mintzatu zaigu. Nola gogoratzen dituzu mendian emandako lehen urratsak? Lesakan jaio nintzen, mendi artean, eta gogoan dut txikitan amarekin mendira nola joaten nintzen, Lesakatik Larrunera oinez, esaterako. Geroago, oilagorren garaian aitari laguntzen nion mendira asteburutan. Eta ikasle sasoian, irteerak egiten hasi nintzen lagunekin. Luis Maria Balde mendizalea ezagutu nuen lanean hasteaz batera, eta hark erakutsi zidan eskaladako oinarrizko teknika. Pirinioetan, Vignemaleko Pique Longue iparraldeko aurpegia elkarrekin eskalatu genuen, besteak beste. Gerora ezagun egingo zen Xabier Erro mendizalearen hastapenak ziren. Bai. Lan kontuengatik Mexikora joan nintzen garai hartan, eta Amerikan nengoela probestuz oporretan bertako mendi altu esanguratsuenak igotzeari ekin nion: Aconcagua, Chinborazo, Huascaran… 1976an ikurrina jarri genuen Aconcaguako gailurrean eta gertakizun hark oihartzuna izan zuen Euskal Herriko orduko hedabideetan. Everesteko gailurrera igotzeko irrika bizia zen orduan Euskal Herrian… 1974an Everest igotzeko lehenengo euskal saiakera egin zen, Tximist espedizio sonatua tarteko. Cegasa enpresa izan zen babesle nagusia, hortik espedizioaren izena. Ni orduan Mexikon nengoen eta espedizio hartan ez nuen parte hartu, nahiz eta espedizio-kideekin harremana banuen, noski. Ez zuten gailurrera iristerik lortu, eta berehala bigarren saiakera egin nahi izan zen. Garai hartan, baina, ez zen gaur egun bezain erraza Everestera igo ahal izateko baimenak lortzea, eta urte batzuk itxaron behar izan genituen. 1980ra arte. Hori da. Bigarren hartan ere Cegasa enpresa atzean egon arren, Bilboko Udal Aurrezki Kutxak 8 milioi pezeta eman zituen. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko udal askok diruz lagundu zuten espedizioa. Oraindik ere idatzita daukat koaderno batean udal bakoitzak eman zuen diru kopurua. Nafarroako Erriberako udal askok ez ezik, Ipar Euskal Herriko udal askok ere lagundu zuten diruz. Horrek eman zion benetako naziotasun izaera espedizioari. Aldaketa garaia zen eta sekulako ilusioa genuen alde horretatik ere. Hortaz, garaipen politikoa ere izan zen nolabait, zuen balentria hura. Zalantzarik gabe. Guk baino lehenago oso nazio gutxik zeukaten Everest igota, eta arrakasta itzela izan zen hura Euskal Herriarentzat. Oihartzun handia izan zuen albisteak, eta itzuli ginenean jasotako omenaldi eta gainerakoak ildo horretatik joan ziren. Gailurrean ikurrina jarri genuela-eta, Lorente eta Rosen espedizio-buruak komisariara deklaratzera deituak izan ziren behin etxera itzuli ostean, hortik atera kontuak! Espedizioaren nondik norakoak aipatzen hasita, gainerako espedizio-kideak hara iritsi aurretik lan handia egitea egokitu zitzaizun. Lan munduan esperientzia neukan eta dezente bidaiatua nintzen nire adinerako. Espedizioko beste guztiak iritsi baino bi hilabete lehenago joan ginen hara Kike de Pablo eta biok. Nepalen ez zegoen ezer, eta guztia hemendik eraman behar izan genuen. 12.000 kilo eraman genituen Bombayra hegazkinez eta handik Nepalera kamioiez, tramite guztiak egin eta gero. Kikek lagundu zidan lan honetan, nahiz eta lagundu baino tarteka lan gehiago ere eman zidan, ez baitzekien ingelesez! Kar, kar, kar. Beheko zein alturako sherpak aukeratu genituen eta martxoan besteak iritsi zirenerako lan zikina egina genuen eta kasik aklimatatuta geunden gu biok… Lehenengo aldia zen zuretzat Himalaian. Hala da. Pirinioak etxea bezala dira guretzat, gero Alpeak 1.000 metro garaiagoak dira eta errespetu handia zor zaie, Andeetan 6.000koak daude eta koska bat igotzen da zailtasuna… baina Himalaiara joan eta izotzez estalitako erraldoi haiek ikustea zirraragarria izan zen. 8.000koak bakarrik hartzen dira kontuan sarritan, baina altueraz apalagoak diren mendi asko eta asko daude Himalaian, zailak bezain interesgarriak. Behin Everesteko Base Camp delakoan, helburu bakarra: gailurra. Bidea ekipatzeari ekin genion, eta tartean inguruko beste zenbait mendi apalago igota aklimatazio prozesua egin genuen. Ondoren, talde txikitan banatu eta saiakerak egiteari ekin genion. Orduan ez zegoen eguraldiaren iragarpenak zehatzegi jakiterik, eta zailagoa zen guztia. Penba Tsering sherparen laguna egin nintzen, berak gailurrera igo nahi zuen bere curriculuma osatzeko eta elkarrekin igoko ginela esaten zidan. Lehenengo saiakera egin genuen, baina beste sherpa batek edema izan zuenean beherako bidea hartu genuen. Handik egun batzuetara, Martin Zabaletak gailurrera iristea lortu zuen egunean, Felipe Uriarte eta biok 7.500 metrora geunden, baina gailurra egiteko aukerari uko egin eta eurei jaisten laguntzea bilakatu zen lehentasun. Taldea zegoen, beraz, norbanakoaren gainetik. Zalantzarik gabe. Gailurra Martinek bakarrik zapaldu zuen arren, guztion garaipena izan zen hura. Espedizioaren helburua gailurra lortzea zen eta lortu genuen. Segurtasuna eta elkartasuna ziren gure espedizioaren ardatzak, beste ezeren gainetik. Taldeko kide batek gailurra jo zuenez, hantxe bukatu zen espedizioa. Urtero elkartzen zarete espedizio hartako kideak Takolo eta Gallardo izan ezik beste guztiak bizirik gaude oraindik, eta bai, urtero egiten dugu bilkura udaberri partean. Orduko kontuak berritzeko aukera ezin hobea da. Gaur egungo mendizaletasuna abiaduran eta arintasunean oinarritzen da, neurri batean. 35 urte pasa dira eta gizartea aldatu den modu berean aldatu da mendizaletasuna ere. Teknologia, baliabideak, babesleak… Dena dira errekorrak eta horrelakoak. Gure espedizioaren helburua mendia egitea zen, baina etxean hasi eta buka. Gaur egun marka egitera bazoaz nekez izango duzu besteenganako elkartasuna. Everesten egoera lotsagarriak ikusi ditugu azken boladan, espedizio komertzialak tarteko. Neronek ere igoko nuke Everest gaur egun, ordaindu, lau sherpa hartu, bi aurretik eta bi atzetik, eta soka finkoa jarraituz goraino. Errespetua galdu zaio mendiari.   Mendizaleak ez al daude gaur egun, ordea, lehen baino prestatuago? Baliteke, baina zalantzak dauzkat. Gure garaian mendizaleek ibilbide natural bat jarraitzen zuten, inguruko mendietatik Pirinioetara, ondoren Alpeetara, Andeetara, eta azkenean aukera izanez gero Himalaia. Gaur egun mendizale askok tarteko etapak ahaztu eta saltoa azkarregi ematen ez ote duten… Espedizio hartan parte hartu genuen guztiok, Felipe izan ezik (mendi gidaria zen) bestelako lanetan jarduten ginen, hau da, ez ginen mendizale profesionalak. Hala ere, ibilbide natural hori egindakoak ginen eta teknikoki oso ondo prestatuak. Egindako irteera guztien artean, zailtasun teknikoagatik bereziki gogoratzen duzunik izango duzu… 1979an Fitz Roy eskalatzen saiatu ginen Martin Zabaleta eta biok. Ekaitzagatik ez genuen lortu. Mexikon 6. mailako eskalada bideak ireki genituen, Las Ventanas parajean. Aconcaguan ekialdeko ertza egindakoa naiz, baita integrala ere, hego eta ipar gailurrak lotuz. Pirinioetan, Diablo-Costerillou ertza (Balaitous mendian) lau aldiz egin dut, Salenques-Tempestades ertza (Aneton)… Oroitzapen asko dauzkat. Zer nolako lotura daukazu gaur egun mendiarekin? 60 urte inguruko jendez osaturiko taldetxo baten ardura daukat, eta urtero egiten dugu irteeraren bat Argentinara, Perura, Nepalera… Mendiak eta Herriak taldean ere lagundu izan dut, baina gaur egun ez dut gogorik izaten ezagutzen ez dudan jendearekin mendira joateko. Lan hori egiteko gidari gazteak daude eta lekukoa eman behar zaie. Mendian jazotako bitxikeria bat baino gehiago izango duzu… Asko dauzkat, bai. Aconcaguara bidean txakur bat atzetik etorri zitzaigun behin eta gurekin egin zuen lo. Hankak berotzen zizkigun, kar, kar, kar. Gailurrera iritsi zen ez kranpoi ez beste ezeren beharrik gabe. Jaitsi ginenean, bertako militarrei eman genien txakurra, eta maskotatzat hartu zuten, Beltxa izena jarrita. Handik urte batzuetara, beste txakur batekin topo egin genuen Aconcaguan, hura ere arazorik gabe igo eta jaitsi zen. Eta hango mandazain batek esan zidan: "Igoko ez da ba, Aconcaguara, Beltxaren semea da-eta!". Beltxaren istorioa kontatu nionean, sinestea kostatu zitzaion mandazainari…
news
argia-f10b1e10a040
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/zenbat-euri-egiten-du-munduan.html
Zenbat euri egiten du munduan?
unknown
2015-08-02 00:00:00
Zenbat euri egiten du munduan? 2000 eta 2010 artean neurtutako datuetatik abiatuta, AEBetako zientzialari talde batek ezarri du urtero 400.000 kilometro kubo euri egiten duela munduan. Horietatik 116.500, lehorrean. Eta horietatik 45.900 ibai eta errekatan biltzen dira eta gainerakoa lurrindu egiten da. ttiki.com/340781(Gaztelaniaz)
news
argia-eac8173bc10a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/euskara-zerbitzua-biarritzen.html
Euskara Zerbitzua Biarritzen
unknown
2015-08-02 00:00:00
Euskara Zerbitzua Biarritzen Biarritzeko Herriko Etxeak eta Euskararen Erakunde Publikoak hitzarmena sinatu dute, Herriko Etxean Euskara Zerbitzua sortzeko. Herri kontseiluak aho batez onartu zuen ekimena. 2015ean bi langile kontratatuko dituzte eta 2016an beste bat. Hainbat eremu landuko dituzte: hizkuntza politika, hedabideak, paisaia linguistikoa eta herriko etxeko langileentzat euskara eskolak.
news
argia-fcf98b8141a6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/ikea.html
Barakaldotik Baionara low cost bizimodua saltzen
Axier Lopez
2015-08-02 00:00:00
Barakaldotik Baionara low cost bizimodua saltzen Barakaldokoaren ondotik, IKEAren bigarren frankiziak ateak zabalduko ditu Baionan. Hamaika urteko aldea dago Barakaldoko eta Baionako "errepublika independenteen" artean, baina, altzari merkeez gain, bada Suediako multinazionalaren bi egitasmoak batzen dituen haria: bizimodu prekarioa. Low cost ereduak bizi gaitu. Abuztuaren 26a egutegian ondo markatuta izango du batek baino gehiagok, altzarien eta dekorazioaren alorrean mundu mailako ikurrak ateak irekiko baititu Baionan. Lehen hiru egunetan 40.000 bisitariren erromesaldia jasoko dute, frankiziako zuzendari Christian Kaelenen ustez. Izen ofiziala IKEA-Ametzondo izango du merkataritza-gune erraldoiak eta altzari dendarekin batera Carrefour, Mc Donald's, Mango eta Primark moduko multinazionalek –orotara 92 markek– beteko dute. Hiriburu, Mugerre eta Baiona udalerrietako 37.747 metro koadro okupatuko dituzte eta urtero 8 milioi lagun jaso nahi dituzte. Hasiera batean frankizia berria Irunen ezartzeko asmoa zuen IKEAk, baina erakunde publikoen presio eta laguntzen bidez Baionara erakarri zuten. Alain Iriart Hiriburuko alkateak patuari egotzi zion suediarren etorrera, 2013ko abenduan saltokiaren lehen harria ezartzeko ekitaldian: "Urdina eta horia dira Ikearen koloreak, Hiriburuko armarri historikoaren berberak: elkar topatzeko eginak ginen". Halere, "zoriak" ekonomiarekin, lan baldintzekin eta naturarekin lotutako kezkak ekarri ditu. IKEA-Ametzondo guneak 8 milioi autoren poluzioa ekarriko du –%60 Hegoaldekoak– , Bizi! mugimendu altermundistak zabaldutako datuen arabera. A63 eta A64 autobideaksaltokitik 30 metro eskasera izateak ez du egoera hobetzen lagunduko. Ingurumenaren defentsan aritzen da Mugerreko Cadre de Vie elkartea eta ikuspegi ekologikoa eztabaidaren erdian kokatu duen taldeetako bat izan da. "Osasun publikoaren aurkako erasoa izango da IKEAren bueltan garraioak sortuko duena", dio Martin Bouchet taldeko kideak. IKEA-Ametzondo ingurune natural baten gainean eraiki izana ere salatu dute Cadre de Vieko lagunek. "Urak erraz hartzen duen zonaldea da, eta merkataritza-gunearen inpermeabilizazioak uholde arriskua duten inguruko auzoen egoera kaltetuko du. Zonalde naturalak hormigoitzea akats larria da", Boucheten ustez. Merkataritza-gune handiz josita dago Baiona-Angelu-Biarritz triangelua. Biztanle eta saltoki kopuru arteko proportziorik handiena du Frantziako Estatuan, milioi erdi biztanle dituzten Estrasburgo edo Rennes moduko hirien pare. Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak salatu zuen egoera hori 2012ko ikerketa batean, eta erakunde publikoei "aterabiderik ez duen eredu horri galga jartzeko" eskatu diete. Martin Bouchet ere kritiko agertu da erabakiarekin, "IKEA ezartzeko prozesuan herritarrek ezin izan dugu parte hartu, bulegoetan hartutako erabakia izan da". Merkataritza-guneen saturazioa ez du IKEA-Ametzondok soilik eragin, beste merkataritza-gune gehiago irekitzeko edo handitzeko prozesuan daude-eta. Landetako hegoaldean Ondres herrian Les Allées Shopping berria edo BAB2 merkataritza-gunearen handitzea, kasu. Merkataritza-gune erraldoien eraginez Baionako saltokien salmentak %25 jaitsiko dira, hirigintza eta merkataritza espezializatuaren aldeko Procos Federazioaren 2014ko ikerketa baten arabera. Nazioartean egindako azterketa askok berresten dute aurreikuspen ilun hori. David Neumark, Junfu Zhang eta Stephen Ciccarella unibertsitateko irakasleen ikerketaren arabera, multinazionaletan sortzen den enplegu bakoitzak tokiko komertzio txiki eta ertainean 1,64 lanpostu suntsitzen ditu. Multinazionalen etorreraren alde erabiltzen den argudio sendoena lanaren sorrera da. IKEAk 300 lanpostu agindu ditu– gehi beste 800 Ametzondon–, BAB2ren handitzeak 300 eta Les Allées Shopping-ek 1.500 iragarri ditu. Ametzondoko agintariek diote lanpostuen %80 inguruko jendearentzat izango direla, baina Cadre de Vie-ko kideak marketinarekin lotzen ditu datu horiek: "Kopuru horiek egiazkoak direnentz jakiteko ez dute inolako azterketa ekonomikorik aurkeztu. IKEAk agindu dituen 300 horietatik, momentuz, 155 baino ez dituzte publikoki eskaini. Beraz, zeinek sinetsi dezake Ametzondon 800 lanpostu sortuko dituztela?." Bizi! kolektiboko kideak ere ezkor dira erantzun gabeko galderen aitzinean: "Zer lanpostu mota eta, batez ere, zein kontratu eta lan-baldintza eskainiko dituzte?". Erantzunaren zantzuak 160 kilometrora aurki ditzakegu. Barakaldoko mugimendu sozialen protestak ugariak dira MegaParkeko lan baldintza kaskarrak salatzeko. (Argazkia: Berriotxoak) Barakaldoko ispilu prekarioa 2004an krisi ekonomikoaren aurreko "garai zoriontsuen" testuinguruan lurreratu zen IKEA Barakaldon; zehatzago MegaPark saltoki erraldoian. Europako bosgarren merkataritza-gunerik handiena da: 440.000 metro koadro, horietatik 127.000 saltokientzat, eta urtean 18 milioi bisitari izaten ditu. Ikeaz gain, Leroy Merlin, ToysRus, Decathlon, El Corte Inglés eta Media Markt daude marka handien artean. Baionako kasuan bezala, zonalde berean ugaldu dira merkataritza-gune handiak: MegaPark, MaxCenter, Max Ocio, Carrefour moduko saltokiak… Europan komertzio eta biztanle kopuru arteko ratiorik handienetakoa du Barakaldo, Trapagaran eta Sestaoko mugaldeko eremu horrek. IKEA Barakaldoko azken hezegune naturalaren gainean eraiki zuten eta horrek herritarren eta talde ekologisten haserrea piztu zuen. Hezegunearen izen bera du IKEA alboko Zuatzu eta Arteagabeitia auzoetako elkarteak: Ibarreta. Elkarteko kide Txiki Castañosek herritarren nahiaren aurkako erabakia izan zela azpimarratu du. "Ibarreta-Zuloko hezegunearen inguruko lurren erabilerari buruzko inkesta egin zen 1990ean eta barakaldarrek parke publiko bat aukeratu zuten alde handiz. Ez ziguten inolako kasurik egin. Horren partez, naturgunearen suntsiketa, poluzioa eta prekarietatea ekarri zizkiguten". Politikarien hipokrisia salagarria iruditzen zaio Castañosi, alderdi guztiek komertzio txikiaren aldeko diskurtsoa izanik ere, multinazionalen etorrera sustatu baitute. "Multinazionaletan oinarritutako eredu ekonomikoak eragin handia izan du eskualde osoan, baina okerrena da multinazionalen etorrerak ez duela etenik izan". Mercadonak MegaParken laster irekitzeko asmoa duen saltokia gogoan, irmotasuna eskatzen dio Udalari. "Udalak berak onartzen du zonaldea merkataritza-gunez gainasetuta dagoela. 2012an Saturn saltokiak egin zuen bezala, noizbait IKEA joango balitz, egin dezatela, behingoz, merkatari txikiaren aldeko apustua eta ez dezatela beste multinazionalik ezartzen laga". Baionan IKEA ezartzeko argudio nagusia Barakaldon erabilitako bera izan zen: lanpostu askoren sorrera. Hasieran agindutako 500 lanposturen kopurura inoiz heldu ez den arren, pertsona askok topatu du IKEAn bere eskulana saltzeko aukera. Zer nolako lana, baina? "IKEAk eskaini duen bakarra prekarietatea izan da". Ziur mintzo da Gotzon Mardarats LAB sindikatuko ordezkaria. Hamaika urtez, sorreratik, egin du lan Barakaldoko IKEAn eta haren ustez, egoerak urtetik urtera okerrera egin du. "Ez dugu hitzarmen kolektibo propiorik, Estatu mailakoa inposatzen digute, justifikaziorik gabeko dozenaka kaleratze agindu dituzte, baja hartzeko baldintzak murriztu dituzte, lanegunetako plusekin egin duten bezala, eta larriena, langileak zatitu nahi dituzte lanpostu finkoa eta aldi baterako kontratua dutenen arteko aldeak handituz. %30 aldi bateko langilea da eta kontratu motaren arabera, lan eta ordu kopuru bera eginda, 4.000 euroko aldea egon daiteke soldatan. Dumping soziala da, xantaia". Barakaldoko IKEAn prekarietateak emakume gaztearen aurpegia duela dio Mardaratsek azken datu ofizialetan oinarrituta (2012koak). 424 langileen artean 130ek gutxieneko soldata interprofesionala (645,30 euroko 14 paga) baino gutxiago kobratzen dute, eta horietatik %74 emakumeak dira. Langileen %39k baino ez dute 900 eurotik gorako lansaria jasotzen hilero. Lan baldintzen gogortzeak ez du loturarik izan IKEAren irabaziekin. "Gaizki deitutako krisiak 2010-2011 inguruan jo zuen gogorren hemen. Ba, halere, 2011n IKEAk 11.926.000 euro irabazi zituen. Beste era batera esanda, 2008 eta 2014 artean, krisiak baldintzatutako 7 urtetan Barakaldoko IKEAk 57 milioiko irabaziak izan ditu, eta haren ibilbide osoan ez du inoiz galerarik izan". Eskuin-ezker: Barakaldoko alkate Tontxu Rodriguez, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Paulino Luesma eta Suediako enbaxadore Lars Grundberg, IKEAren inaugurazio egunean aulkiak muntatzen. (Argazkia: Monika del Valle)) Prekarietatearen gurpil zoroan harrapatuta Goizeko 6etan lantokira heldu, kontratua sinatu, lanean hasi, amaitu, kontratua zakarrontzira bota eta langabezira hurrengo goizera arte. Egunero kontratu berri bat eginez eta hilean 900 euroren truke, urtebete eman zuen emakume gazte batek Barakaldoko Decathlonen. Bazterketa sozialaren aurkako Berriotxoak taldeko kide Juan Carlos Becerrak, MegaParkeko lan motari buruz galdetuta, jarritako egiazko adibidea da. Baina galdera zera da; emakume horrek, gutako askok bezala, kamisetak Zaran, telebista Media Markten, tomateak Mercadonan, armairuak IKEAn eta kirol-oinetakoak Decathlonen erosten dituela jakingo bagenu, inor harrituko al litzateke? Multinazionalek eskaintzen duten lana herritar askok prekarietatearekin eta esplotazioarekin lotzen badu ere, erosketak horrelako saltokietan egiteari uzten al diogu? Edozein asteburutan merkataritza-gune handi batera hurbiltzea besterik ez dago low cost eredua gure bizitzan zeinen txertatuta dagoen jabetzeko. Nielsen aholkularitza enpresak 2014an egindako ikerketaren arabera, erosketak egiteko orduan herritarren %90ak lehenesten duen baldintza prezioa da, eta %65ak bigarren aldagai gisa promozioak hobesten ditu. Produktuaren kalitatea atzetik dator, eta enpresako langileen baldintzak, naturarekiko errespetua edota irabazien erabilera soziala moduko kezkak ez dira zerrendan agertu ere egiten. "Ni ez naiz tontoa" ereduak harrapatuta gauzkala dirudi, baina low cost produktuen bitartez low cost bizimodua eskaintzen digun begizta maltzurretik ateratzerik ba al da? Alternatibak sortzeko beharra Bizi kolektiboak apirilean argitaraturako 10.000 enplegu klimatiko Ipar Euskal Herrian txostenean, Jose Ramon Becerra ingeniari eta militante ekologistak hala dio: "Mundu mailako krisi ekonomiko, sozial eta politikoaren aitzinean, herriak behartuak dira kohesio soziala atxikiko duten tokiko eta eskualdeko estrategiak sortzera". Logika antzekoa konpartitzen dute kontsumismoari alternatibak sortzeko erronkari heldu dioten egungo mugimendu askok. Bizi! mugimenduko kideen aldarri honek irudikatzen du ildo partekatua: "IKEAren eredu hiperkontsumista eta finantza mundializatuari lotuta ez dugu bizi nahi. Gutako bakoitzaren eroste edo kontsumo ekintza bozka bat da". Botere faktikoek herritar baino kontsumitzaile gisa ikusten gaituzten garai hauetan, eguneroko gure kontsumo hautuei zentzu politikoa ematea azpimarratzen dute. Hau da, ezkerrek sarri alboratu duten erantzukizun pertsonalari heldu eta arazoaren muinean dagoen gure bizimodu eredua aldatzera ekitea proposatzen dute mugimendu askok. Inoren eta ezeren zain egon gabe, gaurko kontsumo ohitura "txarrak" desobedituz, gaurdanik "ondo" bizitzea helburu. Feminismoak ezagun egin duen "pertsonala politikoa da" ideian sakonduz –egun multinazionalen eredua ordezkatzeko formula magikorik ez dagoela jakitun– kapitalismoak aurretik prefabrikatutako erantzun erosoetara ez jotzea iradokitzen dute, eguneroko gure kontsumo ohiturez hausnartzeko gonbitarekin batera: egiatan behar al dut erosi nahi dudan hori? Hala bada, birziklatzearen bitartez lor al dezaket? Bestela, tokiko edo gertuko saltokietan lor al dezaket? Produktuak niregana heltzeko izan duen prozesuaz zer edo zer ba al dakit? "Galderak zabaltzen du bidea" leloari jarraiki, erantzunak baino galderarekin batera datorren jabekuntza eta ardura ariketari lehentasuna ematen diote. Logika horri tiraka,"brikolaje soziala" moduko proposamenak sortu dira. Zaharkitzapen programatuaren biktima izan diren altzari eta etxeko tresna elektrikoen birziklatzea eta berrerabilpena sustatzeko ekimen kolektiboak dira. "Ados, hori guztia oso polita da, baina hurrengo astean non erosiko dut nire gelarako armairua prezio antzekoan?" esango dizu lagun ernegatuak, izen eta abizendun denda eske. Eta kopeta belztuko zaizu, diruaren logikaren itsasoan esplotazioa eta prekarietatea bazka dituzten marrazoak beti garaile izanen direla jakitun. Horregatik, hain zuzen, teoriatik praktikarako saltoa –sarri amildegia dirudiena– emateko pedagogia garatzea da gizarte mugimenduek aurrean duten erronka nagusietakoa. Ipar Euskal Herrian, IKEA eta inguruko zenbait merkataritza-gune handien eraikuntza saihesteko beranduegi da, baina Bizi!ko kideen iritziz, saltegi txikien akabera ez dago idatzita; gure ohiturak aldatu eta tokiko kontsumoa lehenetsiz gero. "Ziur gaude hori guzia nahi dugula ikusi desagertzen? Hauta dezagun bizitzeko nahi dugun mundua". Herritarron erantzuna batekoa zein bestekoa izan, eguneroko gure hautu txikiak gidatuko dituen logikaren araberakoa izango da geure mundua, Barakaldon zein Baionan.
news
argia-9000240917d6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/fukushimaren-inguruko-isiltasuna-gainditzen.html
Fukushimaren inguruko isiltasuna gainditzen
Joxerra Aizpurua
2015-08-02 00:00:00
Fukushimaren inguruko isiltasuna gainditzen Arnold Gundersen ingeniari nuklearrak Fukushimaz dituen iritziak behin baino gehiagotan jaso ditugu zientziari buruzko atal honetan. Fukushimako leherketaz ia inork hitz egiten ez duen honetan, Gundersenek hitz gutxitan laburbildu du hango egoera. Batetik, ingeniari estatubatuarrak gogorarazi du zentraleko 1, 2 eta 3 unitateak kalte izugarriak jasan zituztela eta egun zuloz beteta daudela. Zulo horietatik etenik gabe ari da ura isurtzen eta lurrazpiko urekin nahasten. Ur kutsatuaren zati handi bat Ozeano Barera doa, gutxi gorabehera 300 tona eguneko. Kontuan hartuz istripua gertatu zenetik 1.500 egun igaro direla, 23.000 kamioik meta dezaketen ura isuri da jada itsasora. Orain urtebete ezartzen hasi zen izotzezko hormak porrot egin du, ez baitu ur isurketa eragotzi. Egoera horrek hainbat hamarkada iraungo du. Bestetik, Japoniako prentsaren jokabidea dugu. Japoniako botere politiko eta ekonomikoek ezarritako isiltasuna gaindiezina dela dirudi. Isiltasun horren azpian mehatxuak eta isunak daude. Azkenik, datu ofizialen inguruko gezurrak aipatu behar dira. Gehienetan, gezurrak akatsak bailiran ezkutatzen dira, batez ere datu hotzei buruzkoak. "Garai hartan emandako datuetan huts bat zegoen, baina konpondu egin dugu" gisako argudioak erabiltzen dira. Hamarkada luzetan hainbat azpiegitura nuklearren kudeaketan inplikazio zuzena izan duen Gundersenen hitzek ekartzen digute Fukushimako amesgaiztoa behin eta berriro gogora, batez ere Japoniako Gobernuak milaka pertsonari Fukushima inguruko lurretara itzultzeko baimena eman dienean. "Isiltasun legeak" eragindako operazio estetikotzat har ditzakegu Gobernuak bultzatutako itzulerak; izan ere, hamarkadak beharko dira minbizi kasuak azaleratzen hasteko.
news
argia-582e7abb5d99
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/errealitateari-antza-emateko-saioa.html
Errealitateari antza emateko saioa
Mikel Asurmendi
2015-08-02 00:00:00
Errealitateari antza emateko saioa Corralito hitza ez zaigu arrotza dagoeneko. Argentinan aspaldian eta Grezian berriki eman du zer esana. Gurean, krisi garaia iritsi zaion Navarrismo delakoaren erraiak ezagutzeko balio izan digu. Izenburuan dator Corralito delakoa. Foral du adjektibo. Aparteko saio honetan, alta, foruaren izaera herriaren zerbitzuan egon beharrean, tokiko boteretsuek kapitalismoaren aldeko ekosistema nola bihurtu duten kontatzen digu Iván Giménezek.     1936ko Altxamendu frankistaren 40 urteko bakealdiak beste hainbeste urterako urrundu zuen demokrazia. Nafarroan kapitalak berezko balio izan du Errepublika hondoratu zutenen inozentzia erosteko, baita egungo demokraziaren euskarriak zementatzeko ere.         Nafarroak mundua liluratuko edo harrituko zuela esan omen zuen William Shakespearek. Esaera topikoa, tipikoa, mitikoa bilakatu da. Egiari zor, neronek ez dut behin ere garbi izan Nafarroak euskaldunok liluratu ala harritu ote gaituen. Biak batera, naski.      Nolanahi den ere, aspaldian ez nuen sentitu horrenbeste pena/larritasuna eta asebetetzea aldi berean liburu bat irakurtzean. Ez dakit inoiz bi sentimendu kontrajarri horiek horren bateratuak hauteman ote ditudan! Beharbada, liburuko gertakari historikoak horren krudelak –horren urrunak eta hurbilak aldi berean– eta iraganeko errepikapenak direlako, oraindik ere geure errealitatea onartzeko "irents" ezinak izatea. El corralito foral liburuak errealitate hori ontzeko balio digu. Edo antza ematen laguntzeko bederen.
news
argia-099294cdee61
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/konta-niezazueke.html
Konta niezazueke�
Imanol Alvarez
2015-08-02 00:00:00
Konta niezazueke� Artikulutxo hau idazterakoan arazo bati ekin behar izan diot lehenen: zertaz idatzi. Ez buruan gairik ez daukadalako, gehiegi darabiltzadalako baizik. Konta niezazueke orain gutxi Bilboko Udalak hartu duela erabaki polemiko bat: Egirleta mendatearen ingurumarian gizonezkoen arteko ligea (cruisinga) debekatzea. Ziur aski urtetan hartu duen deliberorik surrealistena da, esperpentotik asko daukana. Izan ere, ezina baita non eta mendian mutiletan ibiltzea, edo zirriak edota txortan egitea bera ere debekatzea. Debekatzea akaso bai, baina eragoztea ez. Esan gabe doa: frankismoak lortu ez zuena ez dute orain lortuko PPk (proposamena aurkeztu zuena) eta PNVk (aldeko botoa eman zuen alderdi bakarra). Konta niezazueke azken boladan antza gehitzen ari direla eraso homofoboak, zeintzuk hipokresiaz salatzen baitituzten arestian aipaturiko debekuak gauzatzen dituztenek eurek. Hipokresiaz diot, zeren holako galarazteekin pertsonon askatasuna murrizteaz gain, gizarteari helarazten dioten mezua baita sexu berekoen arteko harremanak ez direla zilegi eta, nolabait, hainbati justifikazioa ematen baitiote iseka egiteko edota fisikoki erasotzeko ere. Konta niezazueke nola politikari batzuek euren homosexualitatea modu partidistan erabiltzen duten solidario eta moderno itxura eman gura izateko, gero jokamolde xenofobo eta arrazista izaten badute ere. EAEn azkenaldian ezagutu dugu armairutik publikoki irtetea sinpatia politikoak eragiteko erabili duenik; are gehiago, irudi publikoa leundu nahian, bere ezkontza ere erabiltzeko gauza izan denik ere izan da. Konta niezazueke, beste arlo batera salto eginez, nola askotxotan, gero eta gehiagotan tamalez, etsita sentitzen naizen euskaldunok euskarari benetan zer estimu txikia diogun ikusirik, behin folklorekerietatik irtenda behintzat. Adibidez –eta adibidea baino ez da– Aitor Mazo zendutakoan profesiokideek egin zioten omenaldian ia dena izan zen erdara hutsean. Mingarria suertatu zitzaidan noren eta Carlos Paneraren ahotsetan (Aitor antzerkigintzan hasi eta euskara hutsezko antzerkia egiteko sortu zen Maskaradako zuzendaria) laudoriozko hitzak erdara hutsez entzun behar izatea, edota Aitorren lankide eta lagun min Asier Ormazarenak... Ene aburuz, duintasuna erakutsi zuen bakarra haren alaba Nerea izan zen, aitari gutun hunkigarria irakurri baitzion euskara hutsez.     Ene! Oraindik zertaz idatzi ebatzi gabe amaitu zait espazioa!
news
argia-08ee5381a07c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2472/europar-batasun-erreala-edo-iv-reich-a.html
Europar Batasun erreala edo IV. Reich-a
Asier Blas Mendoza
2015-08-02 00:00:00
Europar Batasun erreala edo IV. Reich-a Alemaniak gidatutako Europar Batasunak (EB) ez zuela gustuko Syrizaren gobernu berria, bagenekien. Atenasi ez zizkiola gauzak erraz jarriko eta ahalaz Europako beste zenbait herrialdetan bultzatutako estatu kolpe leun bat emango zuela gobernu aldaketa inposatuz. EB saiatu da, Berlinek korralitoa bortxatu du eta batasuneko bazkideen artean inoiz ikusi ez ditugun irainak eta mespretxuak egin zaizkio Syrizako Gobernuari. Baina Alexis Tsipras bizirauteko gai izan da estrategia demokratikoa defentsa arma moduan erabiliz. Alemaniaren enbidoari hamar puxtarri gehiago jarri zizkion. Erreferenduma apustu ausarta izan zen,  etxean gobernua indartu eta legitimatu, eta kanpoan, aldiz, haserrea piztu eta joko arauak inposatzen dituztenengan mendeku gosea sortu zuen. Gianis Varufakisek azaldu bezala, Eurotaldean Alemaniak hitz egiten duenean gainontzekoak isildu eta obeditu egiten dute. Berlinek bota zuen hordagoa, zurrumurruen arabera honelako zeozer: gure baldintza-zigorrak onartu ezean, eurotik botako zaituztegu eta hamar izurriteen pareko baldintzak sortuko dizkizuegu. Tsipras izutu eta B planik izan gabe amore eman zuen erreferendumaren aurretiko baldintzak baino askoz gorragoak onartuz. Beste behin mundu multipolarraren onurak ulertzen ez dituztenen aurpegian zaplaztekoa izan zen. Subiranotasunari eustea edo berreskuratzea errazagoa da boterea hainbat lekutan banatuta badago, horrela beraien arteko kontrol eta disuasio politikak subiranotasun esparru autonomoak sortu ditzake. Adibidez, Latinoamerikako ezkerreko esperientziek nekez izango zuketen etorkizunik Txina edo Errusia existituko ez balira. Horregatik, zeharka bada ere, Errusiaren aurka egiten denean Mendebaldearen mesedetan, besteak beste, Bolivia, Ekuador eta Venezuelaren aurka egiten da. Europari begiratuta, greziar krisiak garbi utzi du zer den EB erreala. Ez dira garai onak federalistentzat, jakin bagenekien Europar Batasunaren demokrazia urria dela, baina federalismoa inoiz agendan egon bada orain ofizialki ezabatu da. Mundu guztiak daki lortutako akordioak zigor asko, eta elkartasun eta lankidetza gutxi eskaintzen duela. Greziaren egoera ekonomiko kaskarra ez da konponduko, okerragotu baino. Heleniar estatua asko pobretuko da, pribatizazio prozesu basati bat martxan jartzera derrigortu dute EBk kontrolatuta, horrela Mendebaldetik kanpoko (Txina, Errusia, Brasil...) kapitalen parte-hartzea gutxitu edo desagerraraziko dute. Hau da, Grezian subiranotasun gutxi geratzen da, baina era berean pribatizazioetarako ez da merkatu librearen araurik onartuko, eta herriari egingo zaion lapurreta merkatuko. José Mujicak, Uruguaiko presidente ohiak, azaldu bezala akordioa krudela eta kolonialista da. 1871ko alemaniar batasunaren ostean, alemaniar espantsionismoak arrakasta izan zuen intelektual, industrial, militar eta politikari kontserbadoreen artean. Beranduago, 1915ean, Friedrich Naumann politikari liberalak Mitteleuropa kontzeptuari lotua Aduanetako Batasun proiektua landu zuen anglosaxoiekin lehiatzeko. Alemania Europako zentroa izango litzateke eta gainontzeko nazioak bere inguruan egongo lirateke subiranotasun ekonomikorik gabe. Ildo horretan, naziek kontinenteko esparru ekonomiko bat irudikatu zuten, non herrialde batzuek soberakinak sortu eta salduko lituzkete –Alemaniak zuzendua Banku zentral eta moneta bakarrarekin–, eta besteak periferia ekonomikoa izango lirateke lehen gaiak eta eskulana hornituz. Egungo errealitatearekin zerikusirik?
news
argia-fae4f8a11e3a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/porru-ederra-sartu-digute.html
Porru ederra sartu digute
Jakoba Errekondo
2018-04-29 00:00:00
Porru ederra sartu digute Berri txar batekin natorrela iruditzen zait. Berri oso txarra. Txarrenetan txarrena, ezin txarragoa. Txarrena da berria konturatzerako zaharra izango dela, eta gu ohitu egingo garela. 1858an Poloniako Poznan eskualdean aurkitu zuten euli berezi bat, sekula katalogatu gabea, Phytomyza gymnostoma deitu zuten. Gero Napozoma gymnostoma ere deitu izan zaio, baina egun atzera lehengo izenez ezagutzen da. Etxe-eulia, ezpara eta eltxoa bezala, Dipteroen familiakoa da. Phytomyza gymnostom a horren berri bazuten 1976an Danimarkan, Suedian, Polonian eta Mediterraneoan. 1980ko hamarkadan, bat-batean, ez dakigu zergatik, Allium generoko espezieen izurrite bilakatu zen. Hasieran Europako ekialdeko herrialdeetan, gero mendebalderantz jo zuen. Dagoeneko, itsasoak zeharkatzen ikasi du, eta Ingalaterran eta AEBetan ere azaldu da. Allium generoko espezieei erasotzen die, bereziki porruari ( Allium porrum ). Emeak arrautzak jartzeko obopositorearekin zulatu eta izerdia zurrupatzen du, hostajea kiribilduz. Arrautzak porruaren oinean jartzen ditu; horietatik sortutako harrek zulobideak egingo dituzte porruaren barruan. Negua igarotzeko pupa gorrizta bilakatuko da. Udaberrian, apiril aldera eulia sortuko da; horiek arrautzak jarri eta udazkenaren hasieran harrak izango dira berriro hurrengo uztako porru sailetan. Porruari bakarrik ez dio erasotzen; baizik eta baita porru-tipulari ( Allium schoenoprasum ), tipulari ( Allium cepa ), baratxuriari ( Allium sativum ) eta txalotari ere ( Allium cepa var. aggregatum ). Nik ez nuen ezagutzen izurrite hori, eta gaur, 2018ko apirilaren 15ean izan dut bere berri Mikel Arbelaizek Oiartzunen ateratako argazki batzuetan. Bertan porruetan egindako zulobideak eta harra denetik euli den arte sortzen duen pupa gorria ikusten dira. Iaz ere izan omen zuen izurritea porru sailean. Beraz, beste berririk ezean, 2016-2017ko uztako porruetan azaldua da Euskal Herrian porruaren daratulu euli hau. Laster Euskal Herri osoan ezagutuko dugu. Porru ederra! Berri-berria da; euli horrek Wikipedian ez ingelesez ez frantsesez ez gazteleraz ez du sarbiderik; ea euskarazkoa egiten diogun.
news
argia-bbd8eb74ffc6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/zizelkan.html
Zizelkan
Ramon Etxezarreta
2018-04-29 00:00:00
Zizelkan Damutu naiz milatan baina han gelditu zen hanka, sartuta. Eskultoreak obra ezarri nahi zuen Santa Klaran, ezkerretara Chillida, eskuinetara Oteiza eta erdian berea, arraunlariaren omenez. Berez eskultura den Santa Klararen gainean beste eskultura bat. Ez nuen ezetz borobila, zegokion bezala, esateko kemenik izan, dirurik eza jarri nion aitzakia. Arerio politikoek berehalakoan harrapatu ninduten, ez zintzo jokatuz baina. Eskultura jartzearen alde agertu ziren guztiak, hemendik Fisterrara bitarteko estropalari talde guztiak eta Alde Zaharreko soziedade, elizak ez dakit, guztiak. Zein ez? Kaja de ahorrosa , aldundia eta kristo. Bakarra nintzen, hala zioten, arraunlariei omenik egin nahi ez niena, haien garrantziaren oroimenaren aztarnarik nahi ez nuena, proskrito madarikatua. Bakea, bizikidetza, adiskidetzea, biolentziaren amaiera eta behin betirako ukazioa. Ez dute ulertu zenbaitzuei metafora mingarria gertatu izana. Zail egin zaie ulertzea zergatik ez zaien ekimena onartu Futbolekoak dira besteak, Anoetako atarian dauden bi horiena. Bata "kirol indarkeriarik ezaren aldeko sinbolo gisa Donostiako hiriari" opari egindakoa, gaur Aitor Zabaletaren omenezkotzat hartzen dena, Partidu Popularreko kirol zinegotziak, kotxea bazterrean aparkatzen duenak bezala, inori ezer esan gabe ezarri zuen. Ez zen nire ardura eta isildu egin nintzen. Isildu nintzen bezala Alberto Ormaetxearen edo Realak irabazitako txapelketen oroimenezkoaren kasuan. Inolako eztabaidarako aukerarik gabe orduan ere eta, Kutxak, gure kultur gidari gorenak diruz lagundua. A zer-nolako bi zuldar hiriaren azaletan. Intentzio onenekoak izango dira pieza biak, baina bai arbitrarioak eta itsusiak. Artistei aukera berdintasuna eskaini izan bazitzaien, oroimenek askoz hobera egingo zuketen luzez, hiriaren eta guztion mesederako. Baionan Roland Barthes parkean, auskalo non eta zertan buka dezakeen, ezarri diguten Arbolaren Egia -k eragin dizkit aurreko oroitza eta burutazioak. Asmo on deklaratuko lana da, Koldobika Jauregiren aldetik eta Baionako udal ordezkaritza politikoaren aldetik. Bakea, bizikidetza, adiskidetzea, biolentziaren amaiera eta behin betirako ukazioa. Ez dute ulertu zenbaitzuei metafora mingarria gertatu izana. Zail egin zaie ulertzea zergatik ez zaien ekimena onartu. Asmo herritar legez, proposamena, gutxi asko, batzuena bakarrik izan ordez guztiona izateko, eztabaida publiko bat eragin balitz, proposamena eta kokapena erabakitzeko, lehiaketa publiko bat egon balitz aukera berdintasunean artista aukeratu ahal izateko, eta asmo onak baino prozedura zuzen eta justu baten aukera egin izan balitz, izan zitekeen eskultura ezarri dena baino askoz itsusiagoa. Baina inoiz izango ez litzatekeena da gure praktika okerren metafora. Eta dena.
news
argia-7773f27ed9ba
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/lotsaz-eta-larderiaz.html
Lotsaz eta larderiaz
Edu Zelaieta Anta
2018-04-29 00:00:00
Lotsaz eta larderiaz Badu euskarak begirunea eta beldurra era naturalean uztartzen dituen hitz bat: larderia. Izan ere, eremuaren edota hiztunaren arabera, beldurrarekin edo begirunearekin lotuago egon daiteke. Nolanahi ere den, badirudi larderiak, hitza ongi erabilita bederen, betiere nagusitasuna adierazten duela. Nagusitasuna, baina, modu positiboan edo negatiboan uler daiteke, beste hamaika kontu bezalaxe. Bestalde, lotsa handirik erakutsi gabe, lotsa bera da batzuetan larderiatik hurbilxko egon daitekeen hitza. Izan ere, euskararen ekialdeko zenbait eremutan, lotsa, larruaren pigmentazioan eragile zuzena izateaz gainera, beldurraren pareko ere bada. Hala sortua ematen du, besteak beste, esaera zaharrak: lotsa denari malda guztiak otso. Eta lotsaz eta larderiaz aritzen gara maiz aski, hitzen ahal semantiko osoan, munduaren egungo egoeraz aritzen garenean. Bi adibide ezagun emate aldera, Frantziak, Erresuma Batuak eta Ameriketako Estatu Batuek berriki adostutako Siriako bonbardaketa justiziazkoa edota Kataluniako prozesuaren harira Espainiako Gobernua egiten ari den inposizio demokratikoa. Lotsaz eta larderiaz, bai: ardiez, artzainez eta otsoez.
news
argia-272bc7eaa1df
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/marina-garces.html
"Borroka konkretu bakoitzean guztia dago jokoan"
Pablo La Parra P閞ez
2018-04-29 00:00:00
"Borroka konkretu bakoitzean guztia dago jokoan" Ideia sakonak ulergarri eta ukigarri egiteko gaitasun harrigarria dauka Marina Garcés filosofo kataluniarrak (Bartzelona, 1973), pentsamendua eguneroko bizipenekin konektatzeko argitasuna; eta bizi ditugun garai nahasi hauetan, jarrera bat: eraldaketaren aldeko apustua egiten dutenekin bilduta, erantzun erabatekoak baino, galdera berriak planteatzekoa. Zaragozako Unibertsitatean filosofia klaseak ematen ari da azken urteetan eta 2002tik bultzatu du Espai En Blanc proiektua ere, zeinaren helburuak diren pentsamendu kritikoa sustatzea eta filosofia eta ekintzaren arteko aliantza berriak imajinatzea. Nova il·lustració radical (Anagrama, 2017) eta Ciutat Princesa (Galaxia Gutemberg, 2018) liburuak argitaratu ditu duela gutxi, bi liburu garrantzitsu, lehenbizikoak diagnostiko zorrotza egiten diolako momentu historiko honetan askok sentitzen dugun inpotentziari –"dena dakigu, baina ezin dugu ezer egin"– eta egoera horri aurre egiteko apustu bat jartzen duelako mahai gainean: sinesbera izateari uztea, gure buruak bestela pentsatzen ausartuz. Ciutat Princesa -n berriz, 1996ko Princesa zinemaren okupaziotik abiatuta, azken bi hamarkadetan bizi izan dituen esperientzia politikoen kronika filosofiko eta bitala idatzi du. Autobiografia politiko bat, kontatzen duena hiri baten transformazioa eta han bizi direnena, globalizazioaren kontrako mugimenduetatik hasi eta Bartzelonaren turistifikazioaren aurkakoetaraino iritsiz, 2017ko urriaren 1aren erreferendumetik pasata, besteak beste. Bi lan horiek oinarri hartuta egin diogu jarraian irakur dezakezuen elkarrizketa. Erantzunetan, gure buruari galdera berriak egiteko oinak eman dizkigu. "Rojavako iraultzaren atzean dagoen filosofia" izeneko jardunaldietan parte hartu ondoren elkartu da gurekin Marina Garcés, Bartzelonako CCCB kultur guneko kafetegian. Goiz lainotua da apirilaren 7ko hau Kataluniako hiriburuan, baina hala ere jendetza bildu da herri kurduarekin elkartasuna sustatzen duen Azadi plataformak antolatutako hitzaldi-sortara. Kurduen esperientziak hemen, momentu honetan, interesa pizten du, ez dago dudarik. Jardunaldia abiatzeko eman duen hitzaldian, Garcések adierazi du ez dagoela iraultzarik filosofiarik gabe, ezta filosofiarik ere, transformazio erradikalik gabe. Eta Rojavako esperientziari buruz azpimarratu du ez dela hutsaren gainean garatutako kontzeptu abstraktu bat, zerbait konkretua baizik, problema amankomunei elkarrekin aurre eginez aurrera doana. Teoriaren eta praktikaren arteko harreman horretaz asko du esateko, elkarrizketa osoan konektatuko ditu pentsamendua eta esperientziak, ideiak eta bizipenak: bizitza eraldatzen duen pentsamendua, pentsamendua eraldatzen duen bizitza. Ciutat Princesa liburuan aipatzen duzu, Michel de Certeauren hitz batzuetatik abiatuz, krisi guztiek ateratzen dutela argitara gizartean nolabait latente zegoena. Kataluniako egoera kontuan hartuta, baina baita errefuxiatuen krisi globala ere, eskuin muturreko alderdien gorakada… Azken urteetan bizitzen ari garen krisi sorta hau zer ari da argitara ateratzen? Esango nuke sakoneko krisi beraren aurpegi diferenteak direla, elkarren gainean jarrita: bizi dugun sistema ekonomiko eta politikoaren zibilizazio-mugen bizipena. Kapitalismo globala fase batean dago non, mugarik gabe hedatzen jarraitu beharrean, berak sortzen dituen mugak gainditu behar dituen etengabe. Argi dago ingurumenarekin lotutako mugak direla begi-bistakoenak, baina muga politiko eta instituzionalak ere agertzen dira: kapitalismo klasikoa estatu-nazioari lotuta zegoen, hura zen mundua artikulatzen zuena, merkatu nazionalez eta kolonialez osatutako mundu bat. Horrek aberri-atzerri dinamika bat zeukan, barruan-kanpoan, erauzketa eta manufaktura… Dinamika sorta bat, ez dena hain agerikoa gaur egungo kapitalismoaren fasean. Eta XX. mendearen amaieran eta XXI.aren hasieran globalizazio deitu genion ideia hura ere –merkatuek jada mundua globalizatu zutela eta estatua aurreko ordenatik irauten zuen hondakin bat besterik ez zela–, kontraesanean sartzen hasi da. "Beste modu batera pentsa dezakegu bakarrik beste modu batera bizi baldin bagara, eta beste modu batera biziko gara soilik ausartzen bagara horrekin batera beste modu batera pentsatzen" Horrekin lotuta, Nova il·lustració radical lanean mugaz eta amildegiaz hitz egiten duzu, baita apokalipsiak eragiten duen liluraz ere. Esplikatzen duzunez, erabateko suntsipenetik pasatzen ez den etorkizunen bat imajinatzeko ezintasunak gidatzen du lilura hori. Arreta deitu digu azkenaldian, Trump edo Le Pen bezalako fenomeno neofaxistak ikusita, Slavoj Zizek bezalako pentsamendu kritikoaren sinboloak ikustea esaten, funtsean, notizia ona direla halakoak, sistemaren kontraesanak larritu ahala hura eraldatzeko baldintzak ere sortuko direlako. "Zenbat eta okerrago, hobe" dioen logika hau paralisi apokaliptikoaren bertsio bat da? Paralisi apokaliptikoa, egiazki, irudimenaren paralisia da. Emantzipazioa bilatzen duten politikak beti izan dira irudimena ereiteko lekuak: irudimen politikoa, gainera irudimen kulturala ere badena, irudimen estetikoa, afektiboa… Bestela bizitzeko moduak imajinatzeko aukera ematen dizun guztia, baita, mutur utopikoraino eramanda, beste munduak ere. Apokalipsia erabiltze honek, bai botere faktikoen aldetik, euren beldurraren estrategiarekin, baina baita kapitalismoaren heriotza iragartzen dutenen aldetik ere, funtsean horixe adierazten du: irudimen politiko emantzipatzailearen paralisia. Eta horregatik nire apustu hau, ilustrazio erradikalaren iturriak bilatzera joatekoa, zeinak ez diren munduaren modernizazio kapitalistaren oinarriak, guztiz kontrakoa baizik: idatzita dauden etorkizunen aurrean gure burua disonantzian pentsatzeko posibilitatea. Argazkia: Oriol Clavera. Intelektualaren ideia jakin bat ere auzitan jartzen duzu azken bi liburuetan: alienazioaren atzean dagoen egia erakusteko misioa duen figura hori, alegia. Pentsamenduaren alorrean egiten duzun apustuaren parte bat, teoriaren eta praktikaren arteko harreman hierarkikoa haustean datza? Bai, eta ez bakarrik helburu gisa, baldintza gisa ere bai. Politikoki eta filosofikoki formatu nauen ikasketa nagusienetako bat izan da, hain justu, bizi izatea eta egotea teoriaren eta praktikaren arteko harreman banaezin horretan, ez bakarrik ikasgeletan eta liburuetan, baita kolektiboetan izan dudan esperientzian eta mugimendu sozialetan ere. Horrek ez du esan nahi teoria guztiek ekintzara pasa behar dutenik edo alderantziz; esan nahi du, hain zuzen, beste modu batera pentsa dezakegula bakarrik beste modu batera bizi baldin bagara, eta beste modu batera biziko garela soilik prest baldin bagaude, ausartzen bagara, hori egitearekin batera beste modu batera pentsatzera. Egitea den pentsatze hori, pentsatzea den egite hori. Hori niretzat ikaskuntza bizia da, ez da irakurketa batzuetatik etorri den zerbait, urte askotako esperientzia politikotik baizik, bizitza eraldatzen duen pentsamendu honekin esperimentatzetik, pentsamendua eraldatzen duen bizitza honetatik. Hori da niretzat filosofia, bizitzako konpromiso gisa ulertuta, bai pertsonala, bai kolektiboa. "Zapaldutako edozein lekutan entzuten dituzun argudio berak erabiltzen dira industria turistikoa sustatzeko: 'Beste norbaitek etorri behar du jarduera ekonomikoa sortzera, nik nire kabuz ez dut balio'" Noski, horrek intelektualaren lekua erabat aldatzen du. Aldatzen du, kontu politikoengatik: beste leku batean kokatzen zara garen horrekiko. Eta, adibidez, ez dizu uzten hirugarren pertsonan hitz egiten, jasan ezin dudan gauza bat, baina oso hedatua dagoena intelektual kritiko askoren artean, zeinak beti ari diren "haiek" edo "jendea" aipatzen. Askotan debateetan parte hartzen dut eta ondoan norbait hirugarren pertsonan "jendea"-ri buruz hasten denean pentsatzen dut: nortzuk dira beraiek? Zergatik ez ikasi "gu" esaten? Hori izan da nire idatzien eta nire apustuen hari nagusietako bat. "Gu" esaten ikastea. Ez bestearen identitatea harrapatzen saiatzeko, guztiz kontrakorako baizik: pentsamendu amankomuna eraikitzeko modu bakarra problema amankomunak lantzea delako. Ez dute zertan problema bera izan, auzi bera, bai ordea amankomunean hartzeko jarrera. Horrek jartzen zaitu leku batean non praktika intelektuala eta kritika egitea kokatzen diren konplizitatearen eta aliantzaren esparruan. Eta beraz, ez dago jakintzaren eta egiaren monopoliorik. Eta horrek asko molestatzen dio intelektual askori, baita intelektual izan nahi duten beste askori ere. Iruditu zaigu zure azken liburuan iraganari begiratzeko maiz erabiltzen dugun logika utilitarista auzitan jartzen duzula, alegia, uko egiten diozula iraganeko borrokak "arrakasta" edo "porrot" terminoetan baloratzeari. Birpentsatu ditzakegu borroka sozialak lortu zutenari begiratuz baino, ireki zituzten posibilitateei erreparatuz? Ciutat Princesa izaten bukatu duten idatzi hauen oinarria lantzen hasi nintzenean, galdera honakoa zen: zer kontatu nahi duzu? Hau da: kontatzeko beharra gauza bat da, bizi izandakoa kontatzeko behar humanoa daukagulako. Baina, bizi izandakotik zer kontatu nahi duzu? Ez zitzaidan interesatzen balantze bat egitea garaipen eta porrotena, arrakasta eta frakasoena. Baina orduan, zertarako kontatzen duzu kontatzen duzuna? Jabetu nintzen niretzat kontu fundamentala zela, zertan irabazi dugun eta zertan galdu baino, bizi izandakoaren transformazio-efektuen arrastoei segitzea. Zertan eraldatu gaitu bizi izandakoak? Galdera hori oso hasieran agertzen da: zer gertatu zaigu, zentzu sakon horretan; zertan eraldatu gara eta zertan jarraitzen dugu eraldatzen. "Munduaz esperientziarik egitea ezinezko bihurtzen ari da. Gertakariak kontsumitzen ditugu, informazioak, jakintzak… baina ez dute esperientziarik sortzen eta esperientzia da eraldatzen zaituena" Honek guztiak harreman handiagoa dauka nire ustez ikasketekin, konkistekin baino. Badago epika iraultzaile eta emantzipatzaile oso bat, zeina oinarritzen den, oraindik, konkistaren hizkeran. Eta konkista sozialak oso ondo daude, baina konkisten beste aldea porrotak ere badira. Kontatu nahi izan dudana, politikoki horretan askoz gehiago sinesten dudalako, zera da: borroketatik, esperimentazioetatik, ikasketetatik… horien bizipenetatik datozen transformazio subjektiboak. Uste dut bizi izandako gauzetan atzera bueltarik ez daukan zerbait baldin badago, hor dagoela, ez gertakari objektiboetan. Azkenaldian harrapatuta gaude "iraultza-kontrairaultza" bezalako ideietan, "erreforma-kontraerreforma", edo orain, M15az geroztik, matxinada-momentuak irekitzen eta ondorengo inboluzioak jasaten. Geroz eta azkarrago txandakatzen dira dinamika horiek gainera. Bitartean, barruan, desplazatzen ari dira ertzak, mugak, mundua ikusteko moduak, eta horiek bai ari direla eraldatzen. Uste dut eraldaketa horiei erreparatzeak ematen dizkigula gakoak gure gaurkotasunari buruzko irakurketa politiko oso diferenteak egiteko. Horrek bat egiten du Nova il·lustració radical -eko pasarte batzuekin, iraganari begiratzen baitiozu, Ilustrazioaren proiektu handiari, baina proiektu hark izan zituen porrotak seinalatzen dituen logikan erori gabe. Horren ordez, Ilustrazioak ekarri zituen erremintak zorrozten saiatu zarela dirudi. Zer nolako balioa du iraganari horrela begiratzeak? Nola hartu ditzakegu berriz eskuan emantzipazio kritikoa bezalako kontzeptuak, behin zorroztuta? Nire azkeneko bi liburuak lotu dituzue iraganari begirako ariketa balira bezala, eta egia da badirela, baina ez dakit horrela esango ote nukeen. Agian benetako asmoa zelako, iraganari begiratzea baino, aurreko liburuan [ Filosofía inacabada ] "bukatu gabekoa" deitzen nion horri erreparatzea, oso Walter Benjaminen edo Gilles Deleuzeren ildokoa dirudien zerbait. Ideia bat, esaten diguna gure oraina osatuta dagoela gertatu ez denaz, mundu honen eraikuntzan tokirik izan ez duenaz. Edo, zehatzagoak izateko, Ciutat Princesa -ren amaieran diodan moduan, osatua dagoela gauzak honela izatearekin ados egon ez diren guztiez. "Badago lan politiko bat egiteke: zapalkuntza egoerak pertzibitzen ikastea, gaur egun askoz lausoagoak baitira lehen baino. Egoera horiek hautematea lortzen badugu, gaitasun handiagoa dugu 'ez' esateko" Leku batean jarrita ez dagoen hori guztia, eguneratu gabe dagoena, gertatu ez dena, tokirik ez daukana, ez dut porrot gisa ulertzen, hariak dira, eta denboran zehar haien bila joan gaitezke, bai iraganean, bai orainean. Eta horrek etorkizuneko oroitzapenak ematen dizkigu, Ciutat Princesa -ren amaieran aipatzen ditudan horiexek. Nova il·lustració radical -en amaierako irudia berreskuratuz, "ehule intsumisoak" horiek dira. Eta uste dut hori egiten dudala nire azken lanetan: denbora ehundu esperientzia lantzeko, uste dudalako gure garaiko gerretako bat esperientziaren kontra egiten ari direla. Hau ere Benjaminek esaten zuen eta kondizio garaikide bat da: munduaz esperientziarik egitea ezinezko bihurtzen ari da. Gertakariak kontsumitzen ditugu, informazioak, jakintzak… baina ez dute esperientziarik sortzen eta esperientzia da eraldatzen zaituena, eta gainera, transmititu daiteke eta berreskuratu. Informazioak esaten digu: "Hau gertatu da". Eta, bai, zer edo zertaz enteratzen zara, baina nola sortzen duzu esperientziarik hortik? Nire ustez, baldintza da denborak elkar jostea, horrek bai ematen dizkigula erreminta zorrotzak. Liburuaren gaztelaniazko edizioan ez nekien ondo nola jarri "zorroztu" hori [" afilar " gaztelaniaz], nahastu egiten nituen "zorroztu" eta "afinatu" [" afinar " gaztelaniaz] eta ez dakit azkenean zein jarri nuen. Ehule intsumisoen irudiarekin bat eginez jarri nuen "erreminta zorrotzak" behar genituela, orratzak neuzkalako buruan. Baina era berean "afinatuak" ere baziren, fin-finak izan behar zutelako. Baita afinatuak zentzu musikalean ere, esan nahi dugunaren erregistroarekin asmatu behar delako. Eta nire ustez hori da, funtsean, pentsamendu kritikoaren lana, ez hainbeste errealitatea epaitzea edo auzitara eramatea, baizik eta bereizkuntza lan oso fin bat egitea, diskriminatzea, doitu gabeko gauzak doitzea; eta horretan erreminta hauek badute zereginik. Argazkia: Oriol Clavera. "Bukatu gabekoa" aipatu duzunez, M15 mugimenduari buruz diozu inflexio puntua izan zela, imajinario kolektiboari ekarri zizkion erreferenteak agian desbideratu bai, baina ez direlako agortu. Zer da M15etik agortu gabe dagoena? Non bila ditzakegu fenomeno hark utzitako arrasto biziak? Nire ustez zabaldu zuen espresio ezagunenetariko batean: "Ez gaituzte ordezkatzen". Agian fase batean gaude, zeinean "ez gaituzte ordezkatzen" hori alderantzikatu den: ordezkatzen ez gaituztenez, indartsuenari ematen diogu botoa; eta hori ere izan daiteke "ez gaituzte ordezkatzen" esaldiak daukan aurpegietako bat. Baina ez dut uste inor ordezkatua sentitzen denik alderdi batekin zeinari talde kriminala izatea leporatzen dioten –alegia, PP–. Instituzio politiko batzuen eta politika ekonomiko batzuen legitimaziorako balio zuen mekanismo hori guztia hautsi da. Baina hautsita egoteak ez du esan nahi hortik zerbait ona aterako denik. M15ak haustura hori izendatu zuen, kontsentsuen amaiera. Jada ez du balio ezta Espainiako Trantsizioko "kalterik txikienaren" logikak ere: horrek jada ez gaitu deitzen. "Nire idatzien apustu nagusietako bat 'gu' esaten ikastea da, pentsamendu amankomuna eraikitzeko modu bakarra problema amankomunak lantzea delako" Horrek hutsune bat ireki zuen, pitzadura bat, oso forma diferenteekin adierazi zena. Era berean, norabide bat apuntatu zuen, eta hor uste dut badaudela arrasto txiki batzuk, adibidez, "ez gaituzte ordezkatzen" esateak ez duela esan nahi publikoa dena ez dela gurea. Uste dut M15etik ahaztu den zerbait dela hori, eta oso garrantzitsua izan zen. M15arekin eta Mareekin funtzionatu zuen eta zen, hain justu, esan zitekeela krisiaren eta ustelkeriaren aurrean –M15aren lorpen handietako bat izan zen krisia eta ustelkeria uztarri berean sartzea–, osasungintza gurea dela, "eskola gurea da", "hau ez duzue ukituko"… Gurea delako, ez zuena. Plano horretan uste dut boterearen deslegitimazioak eusten diola oraindik, baina haren instrumentalizazio bihurtuta. Bestalde, oso gutxituta geratu da publikoa denaren birjabetzea, "publikoa baina ez estatuarena" gisa ulertuta, nahiz eta zenbait geruzatan bizirik jarraitzen duen, adibidez ekonomia sozialarenean edo, Katalunian oso nabarmen, eskola publikoaren defentsarekin lotuta. Baina uste dut iparra galduta bezala dagoela, desproportzio ikaragarria dagoelako publikoa eta amankomuna dena jasaten ari den higaduraren eta hura defendatzeko dauden aukera konkretuen artean. Baina hor dago eta niretzat gakoa da. Ciutat Princesa -ren amaieran horrantz jotzen dut, nola egin publiko publikoa dena, eta horrek esan nahi du, segur aski, desestatalizatzea, baina ez marjinalizatzea. 90eko hamarkada amaierako eslogan bat aipatzen duzu liburuan: "Kontsentsua zentsura da dena esan daitekeenean". Orain aldiz, badirudi zentsuraren adiera gogor batera itzultzen ari garela, zeinean esaten diguten jada ezin dela dena esan. Hori sistemaren indarraren erakusgarri da ala, hain zuzen, haren ahultasunarena? Uste dut gure belaunaldiak zailtasunak dauzkala gaur-gaurko momentu honetan kokatzeko –egunetan, ordutan, minututan kontatzen diren gauzak gertatzen ari dira–, eta neurri batean izan daiteke ateratzen ari garelako, Jacques Rancièren eran esateko, kontsentsuan oinarritutako demokrazia horretatik. Ideia horrek zioen ez dagoela botere sendoagorik kontsentsuak sortzeko eta inposatzeko gai dena baino, batez ere pentsamolde bat inposatzeko gaitasuna daukalako: adostutakoa bakarrik dela demokratikoa, horrela demokraziaren esparrutik desadostasun guztiak kanporatuz. "Zer irabazi dugun eta zer galdu baino, bizi izandakoaren transformazio-efektuen arrastoei segitzea garrantzitsuagoa da niretzat. Zertan eraldatu gaitu bizi izandakoak? Atzera bueltarik ez daukan zerbait egotekotan, hor dago" Oraingo egoeran, boterea indartzen ari da zuzeneko errepresio-ekintzak eta beraz, baita zentsura klasikoa ere; baita niretzat, hemen gertatzen ari denaren azken esperientziatik behinik behin, zentsuraren alderdi izugarriena ere: autozentsura. Zentsura klasikoaren formak bizi izan gabe, pentsatu ez nuen zerbait zen: zentsura dagoenean, zentsurarik handiena autozentsura dela. Eta jada hori bizitzen ari gara, gertatzen ari da. Orduan, boterea ahulagoa da ala indartsuagoa? Argi dago biolentoagoa dela bere zereginak betetzerako orduan. Eta ez zait gustatzen irakurketa errazetan erortzea, esanez "boterea zenbat eta biolentoago, orduan eta gertuago du heriotza". Hori askotan esaten dugu, agian gure burua lasaitzeko: "Trump da AEBen agonia", "kapitalismo agonikoa kapitalismo estraktibista da", "estatuen boterea gogortu egiten da zilegitasuna galtzen duenean"… Bai, uste dut hori guztia egia dela, baina ez hori bakarrik. Iruditzen zait diagnostiko autokonplaziente samarra dela, agoniari begira bageunde bezala, hiltzen gaituen bitartean. Zalantzak dauzkat, ez dakit. Agian indarrez jokatu dezake indartsua delako. Eta boterea indartsua da. Baliteke kontsentsuzko demokrazia horrek gu ohitu izana egoera kasik administratibo batera, logika erabat despolitizatzaileetara. Eta politika itzultzen denean, itzultzen da subiranotasunaren lehia ere, azken finean hori baita: nork erabakitzen du zer? Hori da politikaren funtsezko galdera. Ezkerraren tradizio jakin batzuek M15a edo zapatistak kritikatu izan dituzte gizartea eraldatu nahi izateagatik boterea hartu gabe. Boterea hartzearen gaia berriz pentsatu beharra al daukagu, ikusita nolako lilura pizten duen gauzak aldatu nahi dituztenen artean? Nire politizazio-esperientzian, garaiagatik eta belaunaldiagatik, boterearen lilura hori ez zen apenas existitzen. Ezker parlamentarioa erabat sistemaren esku zegoen eta, beraz, auzia ez zen boterearekin liluratuta ote zegoen, baizik eta boterearen parte zela, oposizio gisa bazen ere. Eta kritika erradikalagoa egiten genuen mugimenduek, politizazio eraldatzaileagoa proposatzen genuenok, ez genion botereari begiratzen, gure interesetatik guztiz aparte zegoen lurralde hori. Ciutat Princesa idaztera eraman nauen sorpresaren parte bat izan da Espainiako Estatuan "politika berria" deitu izan zaion hori sortzeko urratsa eman izana, beste leku batzuetan ere ikusi duguna, Mexikon adibidez: "Erakundeetara itzuli behar da" esatea. Alde batetik, dena lapurtzen ari direlako. Baina, bestetik, 20 urte daramatzagulako ezer aldatzen ez duten iraultzak egiten. Diagnostiko bikoitza dago: alde batetik urgentzia –urgentzia soziala, krisiarengatik, ustelkeriagatik…–, baina bestetik, baita neke moduko bat ere, inpotentzia, mobilizazio konstante batean egotea, zeinak bakarrik adierazten duen zer ez den aldatzen ari. "Pentsamendu kritikoaren lana, nire ustez, ez da hainbeste errealitatea epaitzea, baizik eta bereizkuntza lan oso fin bat egitea, diskriminatzea, doitu gabeko gauzak doitzea" Saiatzen naiz dikotomian ez erortzen. Ez purismoa –"ez da boterea ukitu behar", boterea ulertuta zenbait funtzio instituzionaletan jardutea bezala–, baina ezta astotik erortzen ere, mugimenduak bat batean heldutasun politikora iritsi izan balira bezala, azkenean "arduratsu" bihurtu izan balira bezala, zeren "plazak okupatuz eta Lacandona oihanean ez dugu ezer egiten". Ahalegintzen naiz pentsatzen Gabriel Ferraterri hartu dizkiodan lerro horien antzera, "ahal izaten ausartzen". Ideia hori: zer da benetan ahal izaten ausartzea?, atrebitzea gauzak egin ahal izaten, babeslekua bilatu gabe minoritarioaren autokonplazentzian, baina boterea justifikatu gabe, pentsatu gabe boterea daukanak bakarrik alda ditzakeela gauzak, zeina den zerbait inoiz sinetsiko ez dudana, zeren boterea daukanak normalean ez baititu gauzak aldatzen, egonkortu eta monopolizatu egiten ditu. Bilatzen dut leku hori, botere batena boterea hustuko duena boterez. Eta uste dut badaudela hori egiteko moduak. Adibidez, gaurko topaketa hau konfederalismo demokratikoari buruz. Boterea desestatalizatzeko modu hori, sortuz instituzio batzuk zeinak gai diren beren kabuz antolatzeko beren estatalizazioa, beren botere metaketa… Eta horri buruz mota askotako esperimentuak daude: politika profesionalizatzen ez duten partidu politikoak egitetik hasita, zeinak izango diren zeregin kolektiboak delegatzeko plataformak eta ez ordezkaritza- eta botere-pilaketarako tresnak. Giza irudimena gai da gauza asko pentsatzeko eta norabide horretan asko pentsatu da. Eta uste dut bidea ildo hori bilatzean dagoela. Ekintza politikoaren lekuei ematen diezun garrantziak ere arreta eman digu. Ciutat Princesa -n auzitan jarri duzu auzoaren zentralitatea ekintza politiko eraldatzaileak gauzatzeko leku gisa. Aipatzen dituzu, adibidez, M15ak nolako arazoak izan zituen plazetatik auzoetara hedatzen saiatu zenean. Lurraldearen eta ekintza politikoaren arteko harremanak berriz pentsatzea garrantzitsua da? Gai garrantzitsua da, kontuan izanda geografia politikoak eraldaketa oso azkar eta biolentoa bizitzen ari direla. Indarkeria inmobiliarioa, migrazioak, lanaren prekarizazioa, jada ez dugula uste etxe berean biziko garenik alokairu kontratu batek irauten duena baino gehiago… Hainbeste-hainbeste gauza ari dira gertatzen, jada ez dela aspaldiko urteetan aztertzen ari den fenomeno globala bakarrik, bizi-esperientzia konkretu bat baizik: hurbiltasun eta distantzia harremanak aldatu dira. Alde batetik dago premisa zaharra, demokrazia erradikalarena, demokrazia zuzenarena edo oinarrizko politizazioarena, zeinak postulatzen duen hurbiltasunean dagoela autonomiaren lekua, esperientzia politikoarekin aurrez aurre topo egiteko espazioa; eta beste alde batetik, gure buruari derrigorrez egin beharko geniokeen galdera: non dago gaur egun hurbiltasuna? Oraindik uste dut hurbiltasun-harreman batzuk daudela, gakoak direnak demokrazia erradikala eraiki ahal izateko, baina agian hurbiltasun hori jada ez dago aurreko politizazioen imajinarioek hurbilekotzat ematen zuten horretan. "Politika itzuli denean, itzuli da subiranotasunaren lehia ere: nork erabakitzen du zer? Hori da politikaren funtsezko galdera" Auzoak, elementu gisa, borroka-tradizio oso bat du, auzo-mugimenduarena, identitate kolektibo bat. Ikusten dut gaur egun, Bartzelona bezalako hiri batean, lan politikoaren mapa berria balitz bezala hartzen ari direla: hiria da hiriko auzoak. Eta orduan, José Luis Oyónengandik –urbanista anarkista oso interesgarri bat– berreskuratzen dut "auzotasuna"-ren ideia, ez dena auzoaren berdin-berdina. Auzoa, objektibatzen baduzu, ez dakit gaur egun non dagoen: oinarrizko zerbitzu batzuk egotea, adibidez liburutegi bat edo osasun-etxe bat, beste zerbait da. Auzoa unitate gisa, gutako bakoitzarentzat bizitzeko leku amankomun gisa, josita dago beste espazio eta denbora ugariz. Nola analizatu ahalko genituzke gure auzotasun harremanak gaur, gure bizi-elementu ohikoen elkartrukeak kontuan hartuz, baina gaur egungo bizi formetan? Segur aski aterako litzaizkigukeen mapak oso diferenteak lirateke Bartzelona batean 1930eko hamarkadan aterako liratekeenekin alderatuz, adibidez. Nire ustez hor badago irtenbide interesgarri bat beste dikotomia batekin puskatzeko, "globala ala lokala"-ren dikotomia; "auzoa ala globalizazioa"; "nire etxeko patioa eta nire bizilagunak ala sare globalak"… Distantzia ez denean kontraesankorra hurbiltasunarekin, ikasi dezakegu mapa politikoak marrazten, zeinak ez gaituzten bihurtuko mundu globaleko hiritar abstraktu moduko batzuk, ezta indigena berri batzuk ere, funtsean faltsututa dauden auzoetan bizi direnak. Azken liburu honetan bertan diozu: "Bazterrean bizitzeak aldi baterako bakarrik leuntzen ditu elkarrekin bizitzearen ohiko oztopoak". Esaldi hori kritika gisa ulertu dugu, kaleko bizimodutik urrundu eta hirietatik at dauden esperientzia komunalak eraikitzeari egindakoa. 219. LARRUNen Kristin Rossi egin genion elkarrizketan eztabaida hori mahai gainean jarri zuen, baina hain zuzen nabarmenduz, Bretainiako ZADa bezalakoek aurrera egin ahal izan dutela fenomeno ez-urbanoak izateari esker. Zer ikas dezakegu hiriaren eta landa-eremuaren arteko tentsio horretatik? Zer aukera eskaintzen ditu espazio bakoitzak eraldaketarako? Espai en Blanc-en beti erabili izan dugu esaldi bat, honakoa dioena: "Ertzetan hazi nahi dugu marjinalak izan gabe", eta uste dut galderari erantzuten diola. Sinetsita nago, ZAD bezalako esperientziei dagokienez, badaudela deszentramendurako momentuak, angelu itxura joateko uneak, zeinetan joan zaitezkeen leku batera non ez dagoen jarrita aktualitatearen, espekulazioaren eta gure mundua zeharkatzen duten indarkeria ugarien fokurik. Eta badagoela potentzia bat, ihes lerroarena, beharrezkoa dena osatzen joateko beste mundu horiek, beste borroka-molde horiek eta beste harreman horiek, zeinak aukera ematen diguten piztiaren bihotzetik sartzeko eta ateratzeko. "Badaude hurbiltasun-harreman batzuk, gakoak direnak demokrazia erradikala eraikitzeko, baina agian hurbiltasun hori jada ez da aurretik ezagutzen genuen bera" Esaldi horrekin konstatatu nahi nuena zen ideia bat –ez oso berria–: ez dagoela benetako kanpoalderik. Gauza bat dela zure burua ertzean jartzea, bizitzeko modukoa den bizitza egin ahal izateko eta hortik borrokatu ahal izateko; eta beste gauza bat dela benetan alde egiteko inposibilitatea, eta ez bakarrik autosufizientzia erradikalean oinarritutako ideietara. Gurekin daramagu oztopoa. Ciutat Princesa -n dagoen bizi-balantze honetan –zeintzuk joan diren, zeintzuk ez, zer gertatu da joan direnekin, zer aurkitu dute beste bizimodu horietan…–, badira leungarriak, baina ez dago salbaziorik. Eta uste dut ona dela jakitea ez dagoela, ez apokalipsiaren liluran erortzeko, guztiz kontrakorako baizik, jakiteko zapalkuntzaren esperientzia diferenteak daudela, baina inor ez dagoela salbatuta. Eta inor ez badago salbatuta, leku bakoitzetik eraiki behar dira dagozkien biziraupen formak, borroka moldeak eta harremanak. Horrekin lotuta –nondik goaz, nora goaz–, Nova il·lustració radical -en defendatzen duzu "ez" esaten jakiteak daukan potentzia kritikoa. Baina agian gauzak errazagoak ziren, demagun, 70eko hamarkadan? Muntaia-katean lan egiten zuen obreroak bazekien gutxienez nori esan behar zion ezetz, baita nondik joan behar zuen ere. Baina gu baldin bagara gure buruen nagusiak, gure fabrika gure bizitza bera bada… Nori esango diogu ezetz eta nondik joango gara? Agian derrigortuta gaude dominazio, esplotazio, alienazio eta duintasunik gabeko harremanei buruzko pertzepzio bat edukitzera, egoerari askoz lotuagoa dagoena. Kontua ez da hainbeste patroiari "ez" esatea, baizik eta "ez" esatea egoera horri. Eta etengabe ari gara umiliazioetatik eta duintasunik ez daukagun egoeretatik pasatzen, agerikoagoak izan ala ez. Badago lan politiko bat egiteke, era berean estetikoa ere badena, pertzepziozkoa, sentsoriala, eta da egoera horiek hautematen ikastea, askoz lausoagoak baitira. Eta, egoera hautemateko gaitasuna lortzen dugun neurrian, subjektiboki gaitasun handiagoa lortzen dugu ez "bai" ala "ez" esateko, baizik eta noraino. Gauza bakoitza "noraino". Bizitza prekarizatuetan, etengabeko eraldaketan daudenetan, ezerk barrualde eta kanpoalde argirik ez daukatenetan, gure "ez" horiek "noraino" bihurtzen dira: "Honaino iritsi naiz, ez dut kontratua berrituko". Argazkia: Oriol Clavera. Industria turistikoari buruzko ikuspegi indartsu bat eskaintzen duzu: turismoa estraktibismo gisa berrulertzea. Ohituta gaude estraktibismoaz beste termino batzuetan hitz egiten, alegia, baliabide naturalen arpilatze gisa, normalean Hegoalde Globaleko herrialdeetan eta atzean harreman kolonialak daudela. Esan dezakegu gure hirietan bizitzen ari garela esplotazio forma batzuk, aurretik herrialde horietan aplikatu izan direnak? Gaur goizeko hitzaldietako batean hori esan dute: ez ahaztu kolonialismoa beti dela autokolonialismoa eta autokolonialismoa ez dela inoiz bukatu. Urte hauetan unibertsitatean eman dudan ikasgaietako bat Ekialdeko eta Mendebaldeko Filosofia Konparatua izan da eta beti esan izan dut: kolonialismoa ez da inoiz gertatzen Mendebaldetik mundurantz bakarrik. Mendebaldea existitu ahal izateko, bere buruaren kolonizazio prozesu bat beharrezkoa du eta beraz, ezin dugu mundua deskolonizatu gure burua deskolonizatu gabe Mendebalde honetatik, zeina eraiki dugun erdigune bat bezala, zeinaren periferietan beste gauza batzuk gertatzen diren; baina beste gauza horiek hemen ere gertatu izan dira. "Mendebaldea existitu ahal izateko, bere buruaren kolonizazio prozesu bat beharrezkoa du eta beraz, ezin dugu mundua deskolonizatu gure burua deskolonizatu gabe" Uste dut garrantzitsua dela ohiko estraktibismoa hartzea eta jauzi hau egitea turismo masiboaren industriari aplikatuz, horrela esplotazioaren logikak elkarren segidan jartzen direlako. Badago irudi bat, ispilu moduko bat, zentro-periferia harremana eraiki duena, eta haren arabera, hemendik begirarazten diogu beste lekuetan gertatzen denari, desberdina den zerbait balitz bezala. Horrek, sarritan, oso ezgai bihurtzen gaitu gure lurraldean bertan gertatzen diren esplotazio-logikak ikusteko, zeinak, egiazki, logika berak diren beste aspektu batzuen pean eta beste maila batzuekin, ez agian intentsitatean, baina bai ondorioetan. Niretzat, industria turistikoa industria estraktiboa dela modu ebidentean ikusteko, aski da estraktibismoa definitzen duten parametroak aplikatzea, eta hori egiten dut Ciutat Princesa -ko kapitulu horretan. CCCBn eman nuen hitzaldi baten parte bat da, eta erabateko eskandalua eragin zuen: aurreko udaleko agintari gehienak zeuden, turismo partzuergoak, Bartzelona marka kudeatzen duten enpresak… Denak geunden, eta noski, ispiluari buelta emate honek, "orain begira diezaiogun gure buruari hemendik" esateak, oso emaitza desberdina ematen du guri buruz. Eta puskatzen du, eta hori zen nire helburua, turismoa justifikatzeko erabiltzen ditugun kolonizatuaren argudioekin: "Izan ere, bestela zer egingo dugu bizitzeko?", "turismoak inbertsioak ekartzen ditu"… Zapalkuntza egoeran jarri duten edozein lekutan entzuten dituzun argudio berak dira, hau da, "beste norbaitek etorri behar du jarduera ekonomikoa sortzera, nik nire kabuz ez dut balio". Turismoa justifikatzeko argudioak beti dira mota horretakoak, entzun ditzagun ondo eta ikus dezagun joko hori onartzen dugun. Baina onartzen badugu, ez dezagun pentsatu hau politagoa dela soja zelai bat edo Amerika Erdialdeko edozein larre baino. Iruditu zaigu turismoari buruzko irakurketa horrek zerikusia daukala lanaren banaketa nazioartean jasaten ari den berrantolatze prozesu batekin. Horri aurre egiteko, balirudike oso tokiko borroka-errepertorioak garatzeko besterik ez garela gai izan; baina era berean, gaur goizean bertan zenioen "borroka konkretu bakoitza guztiaren inpugnazioa" dela. Badu harremana filosofia egiteko modu batekin. Guztia barnebiltzen duten teoria abstraktuak baino, behar duguna zera da: ikustea gauza bakoitzean, borroka bakoitzean, liburu bakoitzean, auzi bakoitzean, zer inplikazio dauden osotasunerantz. Alderantzizko irakurketa da: osotasunetik zatira joatea izan da modu bat pentsamendu iraultzailea eta modernoa garatzeko. Hau berriz, kontrakoa litzateke: konkretutik abiatuta, partikularrean ez geratzea, hori ere izan baita postmodernitateen deribetako bat, baita diferentziaren kontzeptua ulertzeko zenbait modurena ere, edo fragmentuaren ideiarena ere… Gaur egungo pentsamendu kritikoak daukan gaitzetako bat fragmentazio txarra da, partikularismora kondenatzen duela bere burua, mikro gaietara, eta hori ez da ondo ulertutako mikropolitika. Niretzat, ondo ulertutako mikropolitika da borroka konkretu baikoitzean dena dagoela jokoan: dislokatzen den bizitza bakoitzean, "horrela ezin da bizi" dioen bizitza bakoitzean, birjabetzen dugun alokairu bakoitzean; are, gerra bakoitzean, Kobane hirian, zeinak denboraren linboetan dagoela dirudien… horietan guztietan ehuntzen dira borroka guztiak. Hor jartzen baldin bagara, gure garaiaren inpotentzia biratzen has daiteke eta lehen aipatzen genuen boterearen kontzeptua ere bai. Zeren, zati bakoitzaren batuketak ez du guztiaren aldaketarik ekarriko emaitza gisa, ez dira zatiak batzen, baina bakoitza da gure mundua. Ezin dut mundu osoa nire baitan hartu, gutako inork ezin du mundu osoaz esperientzia egin. Baina gure bizitzaren dimentsioetako bakoitzean integratuta dago munduaren mugak inposatzeko modu bat. Uste dut ikasi behar dela gutako bakoitzaren bizitzetatik horiek ukitzen eta irekitzen, benetan ukitzera iristen garen lekuetan.
news
argia-24135ec5bd89
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/unibertsitate-tituluak-oparitzea-merezita.html
Unibertsitate tituluak "oparitzea", merezita
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-04-29 00:00:00
Unibertsitate tituluak "oparitzea", merezita Berriki, Txileko Unibertsitateak Pinocheten diktaduran (1973-1990) exekutatu edo desagertutako 100 ikasleri unibertsitate lizentzia eta tituluak banatu dizkie sinbolikoki, haien senideen bidez. Erreparazio eta oroimen keinua Pinocheten estatu kolpearen 45. urteurrenean, datorren irailaren 11n egingo da berriro, ikasketak amaitu ezin izan zituztenei titulu gehiago emanez. 1973an Ennio Vivaldi medikuntza ikasten ari zen Txileko Unibertsitatean, baina berak ikasketak amaitzea lortu zuen eta egun bertako errektorea da: "Egiten ari garena autonomia moralezko keinu bat da, pertsona horiek hil zirela dioen diktaduraren agindua betetzen ez dugulako. Titulu hauek ematerakoan bizirik daudela adierazten ari gara".
news
argia-a64a362af850
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/gabi-de-la-maza.html
"Euskal musikaren arkeologiak asko motibatzen nau"
Miel Anjel Elustondo
2018-04-29 00:00:00
"Euskal musikaren arkeologiak asko motibatzen nau" Interneteko ARGIA Saria jasoa da aurten Gabi de la Mazaren txantxangorria.eus ataria. Gaurgero 2.300 kanta euskarazkoak dira karaokean eta, inondik ere, harrera ezin hobea du. Bestalde, Youtuben daukan kanala euskarazko bisitatuena izan zen iaz. 37 urtez irakasle izana, erretiroa hartu berri zaitugu. Urriaren 3an jubilatu nintzen. Espainiako Estatuak Euskadiri transferitutako irakasleetakoa naiz, Eusko Jaurlaritzak lehen oposizio deialdia egin aurretik irakasle plaza ateratakoa. Pentsioa ere, adibide baterako, Espainiako Gizarte Segurantzatik gabe, Espainiako Estatuko aurrekontuetatik jasotzen dut nik. Lehen Hezkuntzako irakasle izan nintzen hamaika urtez, zazpi, Gorlizeko eskolan. Zortzigarren ikasturtea hastera zihoanean, eskola-idazkariak iragarki bat jarri zuen taulan: Plentziako Euskal Girotze Barnetegian lan egiteko eskaintza, plaza bakarra. Barne-lehiaketa bidez ebaztekoa zen, eta hura irabaziz gero, galtzen nuen ordu arteko Lehen Hezkuntzakoa. Lehiaketa irabazi zenuen, Euskal Girotze Barnetegian hasi zinen lanean. 26 urte egin ditut barnetegiko lanean. Plentziakoan, hemezortzi urtez. Barnetegien programa Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak abiarazi zuen, A, B eta D irakastereduak martxan jarri eta gero, ikasleek aisialdian euskaraz aritzeko aukera izan zezaten. Hezkuntza Saileko Euskara zerbitzuan ziren orduan Mikel Zalbide, Joxemari Berasategi, Ibon Olaziregi, Iñaki Artola… eta Agustin Mujika Takolo-k, barnetegi proiektua aurkeztu zien. Jaurlaritzak onartu, eta lehen barnetegia gauzatu zuten, Euban. B ereduko ikasleei zuzendua zen orduan, eta hamabi egun irauten zuen egonaldiak. Bost urte Euban, eta Plentziara ekarri zuten 1990ean. Hurrengo urtean hasi nintzen ni bertan. Baziren beste barnetegi batzuk ere. Bai. Tartean, Alkizakoa eta Gaztelukoa sortu ziren. Ondoren, Aubixakoa, Elgoibarren, eta Segurakoa eta Barriakoa ireki zituzten, zeinek bere ezaugarriak zituela, adin eta ereduetan. Prozesu bat gertatu zen, jakina, A ereduko ikastetxeak gero eta gutxiago ziren, B eta D eredukoak gero eta gehiago. Gaur egun, adin eta eredu guztiak hartzen dituzte barnetegiek. Gogoeta egin eta ondorio horrexetara heldu ginen bost barnetegiok, estu koordinatuta lan eginda. Euskararen erabilera sustatzea da barnetegien asmoa, inondik ere. Hor sartzen da euskarazko kantuen karaokea? Hasieran, euskararen erabilera zen helburua, baina orain are gehiago da motibazioa lantzea momentuko erabilera handitzea baino. Lan-hipotesi horretara iritsi ginen, eredu batekoek eta bestekoek problematika ezberdinak zituztela konturatuta. Kantuei dagokienez, barnetegietan hainbat jardueraz betetzen genuen eguna: ikasleek bata bestearen atzetik burutzen zituzten jarduerak, arnasa hartzeko astirik ere ez zuten. Pressing estua jotzen genuen, eta ikasleek euskaraz egin zezaten lortzen genuen, gu ondoan gintuztenean. Gu urrundu orduko, pressing -a arinduz gero, euskararen erabilerak behera egiten zuen. Argazkia: Zaldi Ero. Jarduera horien artean zen euskaraz kantatzea. Bai. Kantutegia egiten genuen, 30 kantaz osatua, eta ikasleek kanta haiek egunero aditzen eta kantatzen zituzten. Megafonian ere ipintzen genituen. Intuitiboki bada ere, pentsatzen genuen kantuak ikasleentzat euskararen erreferentzia izan zitezkeela, beraiek bizi ziren giroan, kantua aditu eta barnetegian izandako bizipen positiboren batekin lotuko zutela. Hari horretatik tiraka heldu ginen motibazioa lantzera, momentuko erabilera bultzatzera baino. Motibazioak erabilera dakar, seguru. Motibaziorik gabe ez da erabilerarik. Nola lantzen zenuten motibazio hori? Ikaslearen eta ikasle-taldearen interesak identifikatu behar genituen, talde barruko dinamikak azalera ekarri jolas bidez: nesken eta mutilen arteko harremanen nolakoa, liderrak, ikasle isolatu edota baztertuen kasua… Talde-dinamikako estrategiak erabili eta jolasak burutzen genituen. Ondoren, jolasean gertatutakoak kontuan hartu eta talde barruko harremanak aztertzen genituen. Intentsitate handiko momentuak izaten ziren, eta haietan euskaraz aritzen ziren ikasleak, batzuetan taldeak kohesionatu egiten ziren… Esperientzia positiboak lantzen genituen, euskaraz, ikasleek ere euskara bizipen positibo batekin lotu zezaten. Emozioarekin jokatzen ari ginen, jakina. Horrek zer du ikustekorik zure kantu eta karaokearekin? Kantuek emozionatu egiten gaituzte. Sentimenduz beteta daude. Jakinaren gainean erabiltzen genituen kantuak, bagenekien-eta ikasle horrek, barnetegitik irtendakoan, euskarazko kantua entzun eta esperientzia positiboarekin lotuko zuela. Oso kantu ezagunak erabiltzen genituen, erakargarriak, hainbat urtetan iraun dutenak. Adibidez? Hertzainak-en Aitormena , adibidez, hogei urtean egon zen gure kantutegian. Itoizen Lau teilatu –baina EH Sukarraren bertsioa gustatzen zitzaien ikasleei–, Xalbadorren heriotzean … 1991tik hona, asko. Hasieran, binilozko diskoak ibiltzen genituen. Goizean, eguraldiari begiratzen genion, biltzen genituen ikasleak, albisteak aipatzen genizkien, eta kantu saioa egiten genuen, ikasleak eroso jezarrita eta kantutegia eskuetan zutela. Jartzen genuen musika, eta kantatu egiten genuen. Tartean, mikrofonoa ere pasatzen genuen ikasleen artean, eurek kantatzeko. Azkenean, 180 kantu inkunableren zerrenda osatu genuen. 180 inkunable? Bai. Mp3a sartu zen garai berean, ETB Kanturik onena saioa egiten hasi zen eta hantxe atera ziren Xalbadorren heriotzean , Lau teilatu , Aitormena … eta programaren amaieran jendeak gehien bozkatutako kantuen bertsioen bilduma publikatu zuten. Zenbait bertsio ez zitzaizkidan batere gustatzen. Nahiago nituen originalak. "Neuk egingo dut originalen bilduma mp3 formatuan". Eta telebistako programan aukeratu zituzten haiek hartu eta mp3an sartzen hasi nintzen. Baina haiek sartuagatik ere, espazio handia nuen CD-an. "91z gero barnetegian ibili ditugun kantak erantsiko ditut". Eta haiek ere ipini nituen, eta ondoren, neure gustukoak ere bai, CD hura bete arte. Azkenean, 180 kanta. Inkunableak, nire ustez, euskal kantarik onenak. Diskoa osatu eta barnetegira etortzen ziren ikasleen irakasleei ematen genien opari, eskolan kantatzen segi zezaten. Ordukoa da zure karaokea? 2004 inguruan hasi nintzen kantak karaokean ipintzen, nola egin ikasi nuenean. Informatika eta teknologia berrien sasoia zen, ikus-entzunezkoak furian zeuden. Ikasi nuen eta 25 kanta ipini nituen karaokean, barnetegian erabiltzeko asmotan. Baliabideak ere bagenituen, eta bideogintzan ere trebatuta geunden, hasieratik bertatik barnetegian egindako egonaldiaren bideoa osatu eta oparitzen genien-eta ikasleei. Lehenengo, mahai analogikoa eta monitoreak erabiltzen genituen. Gero, ordenagailuz hasi ginen. Jendeak ez ohi du teknologiari etekina ateratzeko abilidaderik. Zuk ez bezala. Hori ere esan behar nuen: batxilergoa ez ezik, elektronika ikasketak ere egin nituen. Gure etxean leku guztietan ikusi ahal dituzu telebista pantaila, ordenagailua eta beste. Teknologia berriak heldu zirenean, oso gustura hartu nuen mundu hura. Euskal musika ere, gustukoa… Noizdanik? Gaztetxotan, Beatles, Bob Dylan, Neil Young, Victor Jara, Joan Manuel Serrat… horiek denak entzuten nituen. Hamasei-hamazazpi urterekin, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Imanol –batez ere–, sartu zitzaizkidan, artean euskaraz ez nekienean. Euskaraz ez zenekien? Ez, baina ordurako Bilboko Jatorki abesbatzan kantatzen nuen. Txikitan, 11 urterekin, institutuko koruan kantatu nuen. Timoteo Urrengoetxea zen zuzendari. Agur jaunak , Boga-boga … orduan ikasi nituen. Gero etorri zen euskaraz ikastea, Lanbide Heziketa egiten ari nintzenean. Bilbon, Santutxuko Karmelora hasi nintzen, gauez. Goizez, Elektronika ikasketak egiten nituen. Arratsalde beranduan, batxilergoko seigarren maila Txurdinagako institutuan. Gaueko hamarretan handik irten eta Karmelora, euskaraz ikastera, koadrilarekin. Bittor izeneko karmeldarra genuen irakasle, Mañarikoa ei zen. Gabi de la Maza Argia Saria jasotzen2018ko urtarrilean. Argazkia: Dani Blanco. Orduan ikasi zenuen euskaraz. Han jaso nituen lehen eskolak. Gero, soldadutzara joan beharra etorri zen, eta han ere euskaraz ikasten segitu nuen, Xabier Gereñoren euskara metodoarekin. Leonen (Espainia) izan nintzen soldadu, eta konpainian Bilboko hemeretzi gazte ginen. Egun batean, armairuak miatu zizkiguten, eta hamazazpi lagunek Gereñoren metodoa geneukan. Hamazazpik! Kar, kar… Soldadutzatik itzulita, taxi lanean hasi nintzen Bilbon, aldi berean irakasle-ikasketak egiten nituela. Hara! Bai, bai… 22 urterekin, izen-ematea egitera joan, eta zientzietako adarrean eman nuen izena. Idazkaritzatik irten eta eskaileretan behera nindoala, Juan Luis Goikoetxearekin egin nuen topo. Han eta hemen elkar ikusiak ginen, mugida abertzaleetan. Oso baldar hitz egiten nuen euskaraz garai hartan, baina ulertu, aldiz, dena edo gehiena. Eta Juan Luisek: "Zertan matrikulatu zara?". "Zientzietan", nik. Urte hartan euskal filologia adarra zabaltzekoak ziren Bilboko irakasle eskolan, eta ikasle ehizan zebilen. "Matrikula zaitez euskal filologian, jendea behar dugu. Ostantzean ez dute zabalduko". Eta euskara mailarik ez neukan arren, idazkaritzara berarekin joan eta matrikula aldatu nuen. Euskal filologian nintzen. Horrek euskara hobetzea ekarriko zizun, jakina. Dudarik gabe. Gauez egiten nuen taxi lana. Askotan, geltokian, zain, eta bertan prestatzen nituen ahozko azterketak. Euskaraz ondo zekien lagunen bati esan ikasgaia zintan grabatzeko, eta taxian entzuten nuen, belarria lantzeko. Eta musika ere bai. Hirugarren mailara iritsi nintzenean, praktikak egiteko garaian, zenbait teknikari etorri ziren hezkuntza ordezkaritzatik, eskoletan euskara irakatsiko zuten irakasle bila. Tituludunak nahi zituzten, aurreko urteetan titulurik gabeko hainbat jende ibili zen-eta erakusten. EAEko autonomia hasierako garaia da hori. 1980ko kontuak. Orduan hasi nintzen eskolan, irakasle espezifiko, euskara erakusten Plentzian. Ondoko urtean, ikasketak amaitu eta Arrieta-Libaoko eskolara bidali ninduten, Sollube magalean. Francoren garaiaz geroko lehen irakasle euskalduna izan nintzen. Hiru urte egin nituen han, adin guztietako ikasleak nituela: 3 urtekoak txikienak, 14 urtekoak nagusienak. Hogeita bat ikasle. Lehenengo hilabetean, gogorra izan zen, baina, harrezkero, zoragarria. Arrietatik Gorlizko eskolara jo nuen, eta barnetegira gero. Horixe izan da nire ibilbidea. Karaokea fortunatu artean, esan beharko dugu. 2.300 kanta muntatu ditut orain artean. Argazkiak erabiltzen ditudanean, hiru bat ordu ematen ditut kanta bat osatzen. Bideo-klipa baldin bada, letra erantsi beste lanik ez badu, ordu bat-edo nahikoa dut. Rap-a baldin bada, hiru ordu. Irudiak, berriz, nireak dira, edo interneten bilduak. Photoshop-a ere erabiltzen dut, argazkiak lantzeko, dela koloreak aldatzeko edota bizpahirurekin muntaia antolatzeko. Azkena, Kantuzaleak elkartekoek bidalitako bat egin dut, Nafarroan egingo duten Kantu Zaharren Eguna dela eta. Noizkoa da Txantxangorria ataria? 2004an ireki nuen webgunea. 2008an, berriz, ikasturte amaierako talde batek barnetegian esan zidan: "Zergatik ez dituzu zure karaoke hauek Youtube-ra igotzen?". Gogoan hartu nuen ideia, eta Youtubeko kanala ireki nuen: Arratsalde honetan kanta igo nuen lehena. Eta, ondoren, urte hartako kanta bildumakoak igotzen hasi nintzen Youtube-ra. Laster, jendea kanta jakinak eskatzen hasi zen eta, horrekin batera, aukeran nituen beste batzuk ere igotzen hasi nintzen. Azkenean, dinamika horretan sartu nintzen, gure "inkunableen" zerrendatik tiraka. Horrekin batera, nobedadeak. Hala ere, hor bada kontu bat: 2005ean belauneko ebakuntza egin zidaten, eta hainbat denbora eman behar izan nuen geldirik. Etxeko biniloak hartu, barnetegikoak, Irale-koak… denak hartu eta digitalizatu egin nituen, etxean, aparatu guztiak jarrita: audio, platera, audio nahasketa-mahaia ordenagailuari konektatuta… eta eskueran neukan euskal musika guztia digitalizatu nuen. Sekulako lana. Sei hilabeteko baja izan nuen, eta horixe egin nuen denbora horretan. Eta horretan ari naiz oraindik. Euskal musikaren arkeologiak asko motibatzen nau. Baita nobedadeak ere. Kantari askorekin harremanetan naiz Facebook bidez, eta horrek ere asko laguntzen dit.
news
argia-cd844d2fe4d7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/publizitate-enpresariala-eta-politikoa.html
Publizitate enpresariala eta politikoa?
Juan Mari Arregi
2018-04-29 00:00:00
Publizitate enpresariala eta politikoa? Harrituta nago nola moldatzen den Iñigo Urkullu lehendakaria –edo nola moldatzen duten– egunero telebistako kameren aurrean, irratian edo prentsan egoteko bere "produktua" eta irudia saltzen. Ez dakit beste erkidegoetako gobernu-presidenteek zer egingo ote duten euren irudia nabarmentzeko. Edozein kasutan, seguruenik ez Urkulluk bezainbeste, egunero ari baita –eta batzuetan egunean bi aldiz ere bai– gauza bera egiten. Halako jokabide batek herritarren asperdura eragin dezake, eta ondorioz, bere "mezuek" oharkabean igarotzeko arriskua dute. Joan den astean hedabideen aurrean aurkeztu dute, Confebask patronalarekin batera, baskongadetarako enplegu plana, hiru urtean 100.000 lanpostu sortzea aurreikusten duena, horietatik 70.000 jarduera ekonomikoa haziko delako eta gainerakoa belaunaldi arteko erreleboari aurre egiteko. Ziurtatu dutenez, enpresek zailtasunak dituzte euren beharrak asetzeko, batez ere lan merkatuan sartu diren langile gazteen formazio eta espezializazio faltagatik. Zein enplegu, formazio eta soldata politika sustatuko dute administraziotik enplegu hori errazteko? Prekarietatea, behin-behinekotasuna eta soldata baxuak ez dira batere erakargarriak gazteentzat. Ez da nahikoa 100.000 enplegu hitz ematea. Beharrezkoa da administrazioak eta patronalak esaterako Lanbide Heziketa sustatzea, honek enplegu eta soldata duinak izango baditu. Gazteek bermatuta eduki beharko lukete euren gaitasunak aseko dituzten lanbideetarako sarbidea. Horrek Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza politikaren ardura behar luke izan; lehendakariaren iragarpen bakoitzak ez dezan eman bere irudia saldu eta publizitatzeko beste kanpaina bat.
news
argia-f22bdc744c77
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/letragabe.html
Letragabe
Aingeru Epaltza
2018-04-29 00:00:00
Letragabe Elkar fundazioak euskaldunon kultur kontsumoaren gainean egin duen azterketak harrotu ditu bazterrak. Harritzekoa, kontu zaharra baita euskal kulturaren egoera barnetik ezagutzen duen edonorendako. Berria, izatekotan, datu hotzek oraingoan izan duten oihartzuna izan da. Niri, bederen, ez zaizkit hain txarrak iruditu. Egiazkoak izatera. Euskaldunen %22,9 –180.000 lagun ia– euskarazko ohiko liburu irakurle? Zein isilik zeukaten euskal argitaletxeek! Ni Elkar fundazioarekin bat: euskal ekoizpena gizarteratzeko "politika eraginkorragoak" behar dira. Politika horiek zein diren asmatzea da kontua. Ongi daude irakurzaletasuna bultzatzeko kanpainak, baina ez dira aski panorama iluna argitzeko. Euskal kultur ekoizpenaren kontsumo urria egiturazko arazo bat da, eta halakotzat hartu behar lukete instituzioetan nahiz instituzioetatik kanpo hizkuntza politikak diseinatzen eta bultzatzen dituztenek. Zuzenean eragiten dio hizkuntzaren erabilerari eta hizkuntzaren kalitateari, erran nahi baita, haren iraupenari. Erdal itsasoaren erdian, euri tanten pare da gure ekoizpena. Hura bistaratzeak izan behar luke politika horien ardura nagusietariko bat. Gure lurraldeen instituzionalizazioak bi tresna sortu ditu, bertzeak gutxietsi gabe, hizkuntzaren mesede: Hezkuntza sistema eta Euskal Telebista. Hagitzez ere gehiago eskatu behar genieke batari nahiz bertzeari. Irakaskuntzan, premiazkoa da Euskal Hizkuntza eta Literaturaren curriculuma goitik beheiti ipurdikatzea, lehen mailetatik batxilergoraino. Konplexu mimetikoak bazterrean utzi, eta edukiak erabat aldatu, delako irakasgaia euskal ekoizpenaren erakusleiho gustagarria izan dadin. Aditz sintagma gutxiago, eta josteta eta irakurketa atsegingarri gehiago. Pelikulak, bide ekoizpenak, kantak, musika. Hizkuntzaren besta, ez hitzen hilerria. ETBk ere burua berrasmatu behar du, euskaldun arruntak berriz ere izan dezan estandar kultuaren erreferentzia. Kontua ez da esatari guztiak Amonarriz edo Euzkitze bilakatzea, estandar horri bere leku naturala ematea baizik, hedabide honek lotsagarriki abandonatutako alor batean: telesail eta filmen bikoizketa. Horien aldean, ur handiegiko afera dirudi euskalduntasunaren irudiari eman beharreko astinduak, baina noizbait heldu beharko zaio horri ere. Duela mende bat bezala eta molde desberdinetan agertuta ere, baserritarkeria letragabea dugu oraindik euskaldun agertzeko eredu jatorra. Txunditzekoa da zenbat girotan euskaldunena ez den inoiz irakurriena edo jantziena izaten, astakirtenena eta oihu gehien egiten duena baizik. Duela mende bat, bederen, halako jendeak gauza ziren hiru esaldi elkarrekin lotzeko. Orain ezta hori ere. Neobaserritarkeriak bizi gaitu. Baita hil ere.
news
argia-58cd0dcfb1a8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/gema-intxausti.html
Nola kontatu nortasuna
Xabier Gantzarain
2018-04-29 00:00:00
Nola kontatu nortasuna Tabakalerak, ireki berritan, jende askorentzat ezezagun samarrak ziren artistak bildu zituen erakusketa batean: Arenzana Imaz Intxausti Montón Peral . Abizenak jarrita, artistak berreskuratu nahi zituzten, gaurko egunera ekarri, haien lana erakutsi, nor direla aitortu. Fitxa osatzen dute bertatik pasatzen diren artista guztiekin, ez da gutxi. Hala dio Gema Intxaustiren fitxan: "Hasierako obrak, garbiketako zapiz eginak, eta zelozko piezak, euskal testuinguruan laurogeita hamarreko urteetako eskulturaren lengoaien berrikuntza markatu zuten proposamenen artean koka daitezke. Geroago, Gemaren obrak ukitu narraziozkoagoa hartu zuen, zine, musika edo literaturako erreferentziei oso leku garrantzitsua eman baitzien." Artistek elkarrizketa pribatuetan goraipatzen duten artista da Gema Intxausti Miangolarra (Gernika-Lumo, 1966ko irailaren 9a). Artelekun ibili zen 90eko hamarkadaren hasieran, baina gero kanpoan egin ditu urte asko. Madrileko Atocha geltokiko fotomatoian atera zuen argazki hau. Eremuak aldizkariaren 4. zenbakian, elkarrizketa egin zion Beatriz Herraezek. "Nire bizitzan, bidaia etengabea izan da. (…) Bidaiaren ideia hor egon da beti, txikitatik. Niretzat, gure ingurutik harago zeuden leku haiek garrantzitsuak ziren, baina orduan ez nekien zergatik. Nire ustez, lurraldeak gutako bakoitzaren nortasuna markatzen du, baina ez naiz horrekin eroso sentitzen. Hurbilago sentitzen dut bidaiari lotutako nortasun baten ideia, hori, nolabait, arinagoa izango balitz bezala. Horri esker, leku bati eta haren iraganari lotuta egon gabe sortzen diren esperientzia pertsonalekin bat egiten dut. Neure buruari galdetzen diot nolakoa izango litzatekeen lurralderik gabeko nortasun batez pentsatzea". Baita nik ere.
news
argia-4001be0fed93
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/estatuaren-teoria-eta-praktika-espainiako-erresuman.html
Estatuaren teoria eta praktika Espainiako Erresuman
Karmelo Landa
2018-04-29 00:00:00
Estatuaren teoria eta praktika Espainiako Erresuman Espainiako Erresumari kontu eskatzen zaio Nazio Batuen Erakundetik, ea Giza Eskubideekiko nazioarteko konpromisoak eta itunak modu egokian betetzen ari den jakiteko. Gai hau izan dugu aztergai joan den astean Sarrikon, EHUko master interesgarri batean. Master horretan azaldu beharrekoa prestatzean, aukera izan dut trantsizio prozesuaren berrikuspen pertsonala osatzeko, eta hona hemen ondorio batzuk. Indarrean dagoen Estatu hori, Espainiako Erresuma deitua, aurreko gorputz mardularen neurrira ebaki eta jositako trajea da, eta ez patroi unibertsalaren (Zuzenbide Estatuaren) arabera egindako jantzia. Hain zuzen ere, 1969-1979ko hamarkadan hartu ziren gorputzaren neurri zehatzak (erregea izendatu, Estatuaren muin ukiezinak zehaztu eta adostu, traje itxuraberritua osatu...). Hau zen operazioaren atal nagusia, eta delikatuena ere bai; horretan aritu ziren trebe, jostun ofizioan, Adolfo Suarez eta Estatuaren zerbitzura ziren zenbait aditu. Zutabe nagusi ukiezinak: Espainiaren batasuna, monarkiaren instituzioa, erregea eta biolentziaren patrimonio esklusiboa Estatuaren esku egotea. Hortik aurrera, eszenatokia moldatu egin behar zen, Zuzenbide Estatuaren ereduen pareko agertzeko beste. Mailakatu egin ziren alderdien legeztatzeak, asmatu ziren menpe gordetzeko moduko autonomia ereduak, eta azken fasean, Espainiako Erresuma nazioarteko eskubide sistemetan txertatzea burutu zen, 1977. urtean NBEren Nazioarteko Itunak onartuz, eta 1986an Europar Batasunean sartuz. Espainiako Erresumak ez ditu inoiz barneratu Zuzenbide Estatuaren oinarrizko arauak. Nahikoa zitzaion traje itxurosoa jarrita, Europako zein Nazio Batuetako klub bi horiek estatuen klub esklusibo bezala funtzionatzen zuten bitartean. Baina izaera demokratikoa proban jarri behar izan duenean, Espainiako Erresumaren traje berrituari josturak lehertzen ari zaizkiola ematen du. Kuriosoa da, zehatzago begiratuta, nondik ari diren apurtzen hariak. Espainiako Erresumak ez ditu inoiz barneratu Zuzenbide Estatuaren oinarrizko arauak. Nahikoa zitzaion traje itxurosoa jarrita, Europako zein Nazio Batuetako klub bi horiek estatuen klub esklusibo bezala funtzionatzen zuten bitartean. Baina izaera demokratikoa proban jarri behar izan duenean, Espainiako Erresumaren traje berrituari josturak lehertzen ari zaizkiola ematen du Europako Kontseilua eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegia neutralizatu egin ditu Espainiak (aurkako sententzia eta ohar batzuk gorabehera), estatu aliatu batzuen kolaborazioari eta epaile menpekoak hautatzeari esker. Aldiz, Europako zenbait estatu zehatzetan arazo larriak plazaratu zaizkio Espainiari, eta botere-banaketan zein sistema demokratikoaren oinarrietan dituen pitzadura larriak bistan utzi ditu. Dena den, Nazio Batuen Erakundean gerta dakioke Espainiako Erresumari krisirik larriena. Batez ere, 1977. urtean, trantsizioaren une esanguratsu hartan sinatu zituen Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunen haritik. Izan ere, azkenaldian Espainiako Estatuan gehien zolitu diren gatazken biktima eta subjektu ugarik, izan gizabanakoak edo kolektiboak, Nazio Batuen Erakundeko atal horretara zuzentzen dituzte beren demandak, eta ez Estrasburgoko Epaitegira, lehen azaldu ditudan arrazoiengatik. Eta asmatzen ari dira, ene ustez, babesa lortzeko aukera badutelako bide horretan. Izan ere, Espainiako agintariek ez dute NBEren aurrean aurkezten diren demanda horiek geldiarazteko argudiorik ez modurik. Nazioarteko Itunok eskubide banakoen zein kolektiboen arautegi zehatz eta aurreratua dakarte, hasi autodeterminazio eskubidetik eta jarrai adierazpen askatasuna, atxiloketa eta funtsik gabeko kartzelaldia, edota genero eskubideak zein eskubide sozialak. Ezin dira, gainera, "kanpoko" lege arrotz kontsideratu eta bete gabe utzi. Sinadura unetik barne-arau bihurtzen dira, eta barne-lege propioen gainetik kokatzen dira Estatuko hierarkian. Gainera NBEren erabakiak arlo horietan ez dira Estatuen menpeko epaileen esku geratzen. Genevan bertan NBEko aditu independenteek hartzen dituzte erabakiok. Bide honetatik badator zerbait...
news
argia-8bd9fb8e010f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/furia-eta-desio-guztiak-batean.html
Furia eta desio guztiak batean
Iker Barandiaran
2018-04-29 00:00:00
Furia eta desio guztiak batean Ez naiz bakarlarien zale amorratua, salbuespen gutxirekin, jakina. Ez da erraza pertsona bakarrak neu hunkitu edo dardaraztea. Bada, ez-dakit-zergatik, izenagatik agian, banuen jakin-mina Eneritz Furyak entzuteko, eta inolako erreferentziarik gabe diskoa erosi nuen Musikazuzenean-en postuan. Eta ia ohartu gabe harrapatu naute diziplina gutxiko ume bihurri horren ahots eta jokoek. Eneritz ez da umea, jakina, eta aske badihardu ere, atzean lan handia dago, minimalista dirudiena, baina DIY edo Zuk zeuk egizu lelopean emaitza oso borobilak lortzen ditu. Eneritz Dueso irundarra oso gazte hasi zen musikan; trikia lehenengo, gitarra gero… Punkean lehen pausoak, metalean ere aritua eta Kasernarat proiektuarekin rockabillyari buelta erdi eman zion. 2016an, baina, bizitzaren bidezidorrek bakarka aritzera bultzatu zuten eta, gerora, honako diskoa grabatu du. Eneritz Furyak artista polifazetikoa da, zaletasun asko dituena, eta horien artean diseinua, idaztea eta musika atera ditu nabarmen azalera. Hiruetan dauzka estilo propioak eta oso dotoreak, aintzat hartzekoak. Bere kantuez esan izan dute folka, bluesa, rocka eta punka batzen dituela; baita bere arimaren sakontasunetik abesten duela. Baliteke, badu horretatik guztietatik, baina era berean ez nuke horietara mugatuko. Furyak-en ahotsak erregistro propioa dauka, baina badira erregistro asko, eta aldi berean guztietan da bera. Gitarra jotzen, aldiz, oso minimalista dirudi, baina ez du gehiago behar. Azken hatsean ederra da, arnasa eten aurretik energiaz itsaskor bihurtzen dena; Maldan behera denborak itoko balu bezala 45RPMtara errezitatutakoa eta lelo borobila daukana; Hamaika izar folketik abiatu eta ahotsarekin jolastuz erregistro rockeroa hartzen duen perla; xuxurlatuz Esnatu nintzen , baina ahotsa biderkatu eta Ain_1-en kadentzia hartzen du; Mitxoleta bi ahotsez aberastuta klasikoagoa da; Munstroa -k aurpegi ugari ditu: cabareteroa, iluna, itsaskorra erabat, baina finean biluzia, hit!a hau ere; Papiroa loretan -ek PJ Harvey eta post-rocka ditu maite; Atrezzo urgentzian bizi eta intentsitatearen gose da; eta So egin folkyena.
news
argia-6b7f711bb23d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/gezurraren-kedarra-bizirik-dago.html
Gezurraren kedarra bizirik dago
Urko Apaolaza Avila
2018-04-29 00:00:00
Gezurraren kedarra bizirik dago Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena iaz izan zen, aurtengoa beste apirilaren 26 bat da beraz, haatik garrantzirik ez dute galdu sarraski hura gogoratzeko ekitaldiek. Gernikako herri ekimenak programazio zabala osatu du eta aurten ere lotu ditu 1937ko krimena eta gaur egungoak, gogoraraziz armagintzan dugun inplikazioa eta gerrak "hemen" hasten direla. Sinbolismoz beterik dagoen eta hotzikara sortzen duen sirenaren soinua entzungo dugu berriz ere, eta orain aste batzuk, astelehen odoltsu hartako merkatu eguna antzeztu dute herritarrek, besteak beste.Oroimena bizirik mantentzea ezinbesteko zaigu zortzi hamarkada geroago, beste batzuek zabaldutako gezurraren kedarra ere bizirik dagoelako oraindik. Bonbardaketa gertatu eta biharamunean, Francisco Franco matxinatuen jeneral faxistak bere propagandarako medioei agindu zien ukatzeko euskaldunen hiribildu gurtua eurek suntsitu zutenik, alderantziz, hortik aurrera bertsio ofiziala izango zen gorri-separatistek erre zutela Gernika, "su eta gasolinarekin". 40 urte baino gehiago iraun duen gezurra, deliberatuki eta modu kontzientean zabaldutako egiaren kontrako kontakizun hura, gaur egun edulkoraturik ageri zaigu gertatutakoari nolabaiteko garrantzia kentzen dion historiografiaren bidez. Xabier Irujo historialariak urteak daramatza Gernikako bonbardaketa ikertzen eta berrikitan kaleratu du La Verdad Alternativa (Txertoa, 2017) liburua, faltsukeria handi horretatik eratorritako 30 gezur zerrendatuz. Herbert Southworthek 1977an Guernica! Guernica! lan aitzindaria idatzi zuenetik beste 40 urte igaro badira ere –idazle estatubatuarrak hiriaren deuseztapenari buruzko mito frankistak hankaz gora jarri zituen–, Irujok beharra ikusi du ildo beretik jarraitzeko, bonbardaketaren ukazioaren aurrean: "Gezurra ez da berez existitzen –dio hitzaurrean– ez bada egia deformatuz, eta horregatik beragatik, ez balitz existituko 'egiazkoa eta egiaztagarria den gertakizuna' deitzen diogun hori, ez litzateke iruzurrik eta fikziorik existituko. Ikuspegi horretatik, gezurra egiaren ispilua baino ez da. Baina ispilu aberrantea". Denboran barrena hondoraino sartu diren zenbait baieztapen desmuntatzen ditu liburuan egileak. Hala nola, Gernika garraio lotune garrantzitsua zela –nahiz eta frontetik atzerantz erretiratzen ari ziren gudariak ez ziren handik igaro, baizik eta Zornotzatik–; edo hiriaren kanpoaldean zegoen Errenteriako zubia zela hegazkinek birrindu nahi omen zutena, baina lainoaren eta kearen ondorioz erratu zirela… Bonbardaketa ez zen sekula helburu militar estrategiko bat izan, herritarrak izan ziren helburu eta Gernika nahita suntsitu zuten –armagintza fabrikak eta interesa zuten zatiak salbatu zituzten soilik–: "Borroka abiazioan oinarritzen da, etsaia moralki deprimituz", idatzi zuen bere egutegian Joachim von Richthofen Condor Legioko buruak. Hildakoen dantza mingarria Eztabaida nagusietako bat biktimen eta hildako lagunen kopuruaren inguruan eman izan da, azken batean bonba horiek pertsonengan eragindako mina baita garrantzia gehien duena. Bonbardaketa gertatu eta hiru egunetara Gernika faxisten esku geratu zen eta hortik denbora batera Estanislao Herran ingeniaria presidente zuen batzorde batek aparatu frankistaren komenientziara egindako Herran txostena zabaldu zuen –geroztik sarraskiaren ukatzaileek makina bat aldiz erabiliko zuten iturri hori–; horren arabera, egun hartan Gernikan apenas hil ziren ehun lagun. 40 urte baino gehiago iraun duen gezurra, deliberatuki eta modu kontzientean zabaldutako egiaren kontrako kontakizun hura, gaur egun edulkoraturik ageri zaigu gertatutakoari nolabaiteko garrantzia kentzen dion historiografiaren bidez. Aitzitik, Irujoren esanetan baliteke hildakoak 2.000ra hurbiltzea; lekukoen eta nazioarteko kazetarien testigantzetan oinarritzen da batez ere. "Familia osoak desagertu ziren –idatzi zuen gerora George Steel korrespontsal ezagunak– gorpuak kolpatuta eta ubelduta agertzen ziren". Euskadiko Gobernuak 1.646 hildako erregistratu zituen, baina biktimen gorputzak eraikinen artean eta eraitsitako babeslekuetan lurperatuta geratu ziren denbora luzez, eta suntsitutako etxeetako hondakinak 1941 urtera arte guztiz kendu ez zituztenez –aurkitzen zituzten giza aztarnak miramendu askorik gabe ezkutatzen zituztela–, Irujok azken zifra hori ondorioztatu du. Beste ikerlari batzuek 300 inguru izan zitezkeela diote. Baina biktima horiekin justizia egiteko, behar beharrezkoa da ahalik eta kopuru zehatzena jakitea, ez soilik Gernikaren kasuan, baita atzegoardiako frankisten errepresioaz ere. Nafarroan adibidez, ahozko historia funtsezkoa izan zen fusilatuei zenbakiak jartzeko. Emilio Majuelo historia irakaslea duela gutxi Nafarroako Parlamentuan izan da lurralde horretan "isilarazitako" zapalduez hitz egiteko, eta zera esan dio El Diario.es egunkariari: "80ko hamarkada hasieran bai egon zen borroka bat prentsan, hildakoen kopuruaz. Orain zenbakien kontu hori –ez interpretazioarena, baina bai zenbakiena– amaituta dago. Interpretazioak libre dira, baina zenbakiak ez". Horregatik da hain mingotsa Gernikako bonbardaketaz oraindik dagoen dantza hori. Izan ere, 1937ko egun hartan gertatua ikertzeko eman nahi diren urratsei zenbaitek jartzen dizkien oztopoek, Francok agindutako gezurraren erre usaina dute. Nazioarteko kongresu bat eta ikerketa batzorde bat babesteko mozioa atzera bota du PPk Espainiako Senatuan apirilaren 9an, "partziala" litzatekeela esanez; EAJko bozeramaile Jokin Bildarratzek ez du bere samina ezkutatu, eta gogorarazi du oraindik ez dakigula zenbat jende hil zen: "Horrek bakarrik erabat justifikatzen du kongresua ospatzea". Hegazkin alemaniar eta italiarrek, lehenik etxebizitzak barrutik zartatu eta eraisten zituzten bonba handiak jaurti zituzten, eta ondoren lehergailu su-eragileak, behin eta berriz. Amaitzeko, inguruko bideetan ihesean zihozen herritarrak eraso zituzten metrailetekin. Gernikako 318 eraikinetatik 271 "erabat suntsituta" geratu ziren, hiribilduaren %85 Xabier Irujoren arabera; bonbardaketa herritarrak "harrapatzeko" diseinatu zela dio. Galiziako Erreinuko Artxiboan gordetako irudi honetan –abiazio frankistak ondoren airetik ateratakoa–, agerian geratzen da txikizioa norainokoa izan zen. (Arg.: 'La Verdad Alternativa' / Arquivo do reino de galicia) Krimena gutxietsi edo zuritzeko joera etengabea da, berdin arte "aditu" batek esaten duenean Picassok Guernica margotu zuenean bost axola zitzaiola Bizkaiko hiribilduan gertatutakoa eta bere autobiografia bat besterik ez dela, edo Ciudadanosek nahasten dituenean duela 81 urteko sarraskia eta ETAren atentatuak artelana Madrildik Euskal Herrira eramatea eragozteko, Espainiako Kongresuko azken bozketan egin zuen moduan. Gerrari komeni zaion egiaz idatzi du Gorka Bereziartuak astekari honen aurreko zenbakian, Siriakoarekin ikasi dugu: "Gezurrak aspaldi utzi zion problema izateari, erabaki politikoak ez baitira hartzen gertatu den horretan oinarrituta, gertatzea komeni denaren gainean baizik". Nola egingo diegu aurre gaurko misil eder eta azkarrei, oraindik ez badiegu orduko bonbei neurririk hartu?
news
argia-34598d30c102
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/kepa-altonaga-saiogilea.html
"Euskaldunok ez gara mundu honetara herri normala izateko etorri"
Mikel Asurmendi
2018-04-29 00:00:00
"Euskaldunok ez gara mundu honetara herri normala izateko etorri" Loiu, 1958. Biologia ikasketak egin zituen EHUn, eta bertan irakasten du egun, Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Saiogile ezaguna da. Zientzia, historia eta Euskal Herria uztartzen ditu bere lanetan. Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan (Pamiela) liburua kari solastatu gara berarekin apirilaren 2an, Sarako Idazleen Biltzarrean. Gure ipar-ekialdearekiko jaidura duen saiogile mendebaldartzat izenda zaitzakegu? Back to Leizarraga entseguarengatik diozu? Bada, ez naiz haatik, gure klasikoen aztertzailea edo aditua, [Joanes] Leizarraga ez dut sakon ezagutzen, ez baitut ganoraz landu. Ostera, eta esate baterako, XIX. mendeko idazle klasikoen bildumako denak irakurri nituen garai batean, gustu gehiagoz edo gutxiagoz, batzuetan disfrutatzen, bestetan sufritzen... Obra horien izaerarengatik diotsut. Iparraldera etortzeko joera duzu nolanahi ere. "Ipar Euskal Herriko jendea euskalduna izan zen iragan mende hasiera arte, edozein mailatako jendea zela ere, euskaraz bizi zen" Urteak dira flash bat izan nuela, ikusi nuen hemen Gerla Nagusira arte bazegoela Euskal Herri erabat euskalduna; hemengo idazlanak aztertu, eta medikuak eta notarioak, baita herri xehea ere euskalduna zela. Alabaina, Euskal Herri hori bat-batean amiltzen zihoala ohartu nintzen. Ostera, Hegoaldean inon ere ez zegoela Euskal Herri guztiz euskalduna konturatu nintzen, eta, hala ere, erdipurdikako euskalduntasun hori mantentzen dela jabetu. Han [mendebaldean] idatzitako gehiena erdaraz zen, hemen [ipar-ekialdean] aldiz, euskaraz. Hor badaukat ezin ulertze bat, Iparraldeko gainbeheratze hori, amiltze hori… Nafarroako Erresumaren Erregina Joana III.a Albretekoarekin, XVI. mendean, bizi izan zen pizkundearen ondorioz sortu zen gizarte euskaldun sendoa, Frantziako Iraultzarekin amildu zela esan daiteke? Ez dut uste horrela izan denik. 1914ko I. Mundu Gerrara arte hemengo Euskal Herria, salbuespenak salbuespen, euskaraz bizi izan da. Ipar Euskal Herriko jendea euskalduna izan zen iragan mende hasiera arte, edozein mailatako jendea zela ere, euskaraz bizi zen. Tira, edonola ere, nik XIX. mendeko gizartea ezagutu dut irakurketa dela medio. Sarako Idazleen Biltzarrean egoteko usaia duzu. 2000. urtearen bueltan etorri nintzen liburu baten aitzakian, eta harrezkero ez dut hutsik egin. Hegoaldean Durangoko Azoka nola, Iparraldean Sarakoa hala. Edo beste gisa batez hartu behar da hemengoa? Hemen beste neurri bat dago, beste jende modu bat. Ni liburuen aitzakiaz lagunak ikustearren etortzen naiz. Durangokoa beste istorio bat da. Hala ere, hara ere lagunekin egoteko hurbiltzen naiz, standetik standera ibiltzea ez dut gustuko. Literatura munduko giroa ez duzu gustuko? Ni ez naiz mundu literariokoa, mundu horretako jendea ezagutzen dut, baina outsider bat naiz. Mundu hori begiratzen dut interes handiz, gustatzen zait irakurtzea eta zeintzuk eredu literario –gaiak eta idatz moldeak– erabiltzen dituzten ezagutzea nik erabiltzeko, baina idazleak beste batzuk dira, nahiz eta niri ere gustatzen zaidan letrak elkarrekin juntatzea. Saiogile zara. Zientzia, historia eta Euskal Herria uztartzea gustatzen zaizu. Nola dago zientziaren dibulgazioa? Zientzia dibulgazioa euskaraz… Badago pare bat aldizkari. Badago katedra oso bat, badago ahalegin bat... Baina momentu honetan dagoen dibulgazioa ez da nire gustukoa, ez guztiz gustukoa. Zergatik? Bada, lantzen direnak azken-azken ordukoak direlako, "azken oihua" nolabait esanda. Euskal Herrian zientziari buruz aurkitzen dugun gehiena Nature edo Science aldizkariek argitaratutakoa da, Elhuyar -ek zabaltzen duena, eta jakina, beharrezkoa dena. Halaz ere, guk ezin dugu atzetik ibili, zientziaren dibulgazioak ezin du hori besterik izan. Zientzia munduan ari direnak momentu honetan erlaxatuta daude horrekin, eta beste hainbat gai, ezinago interesgarriak, bigarren mailan geratzen dira. Hala nola… "Orijinala banintz pozarren nengoke, baina ez da horrela, ni imitatzen saiatzen naiz, ongi imitatzen hori bai" Beno, norberak aztertu duena adibidetzat jartzea ez da itxurosoena, baina hemen [Iparraldean] bazegoen Armand David [ezpeletar naturalista eta biologoa, panda hartzaren aurkitzailea] pandaren aita, baina inork ezagutzen ez duena. Nola da posible balio naturalistiko hain handiko zientzialari bat, gurea izanda, ez haren libururik ez deusik egotea? Eta berriz diot, ez da nik egin nuelako [ Armand David, pandaren aita saioa, Elhuyar , 2001]. Modu berean, makina bat kontu dugu bertokoak, dibulgaziorako interesgarriak direnak oso. Zientziari buruzko gai horiekin batera badoa herri honen historia, zer gertatu den ezagutu gabe joan ere. Zergatik ez dute gai horiek eboluzionismoan lekurik eduki herenegun arte? Zerk baldintzatu du hori? Baldintza horiek ezagutu beharrekoak dira, baita iraganeko adituen arteko irizpideak ezagutu ere. Horiek zabaldu behar dira, baina ez soilik zabaldu, horiek zabaltzeko moduak garrantzi handikoak dira. Zientzia eta historia uztargarriak al dira? Bistan da. Segun eta zientziaren etiketaren atzean dagoena zelan ulertzen duzun, baita historia ere nola interpretatzen duzun. Historia data-zerrenda amaitu ezinezkoa izan liteke, baina lotzen badituzu pertsona bat halako egoera batekin, giro internazionalarekin, hor zientzia eta historia uztartzen dira. Tira, ahalegindu egiten naiz horretan. Kepa Altonagaren saiakera liburuak bereziak dira, batzuen iritziz. Ez naiz ados. Bereziak beharbada Euskal Herrian dira. Ni ahalegintzen naiz ondo imitatzen kanpoan ikusi ditudan eredu batzuk, erran nahi baitut, zientzia, historia eta autobiografia nahasten ditut, nola halako nahasketak egiten ditut, baina kanpoan ere horrela ari diren dozena bat erdi saiogile aipatzen ahal dizut –Stephen Jay Gould eta David Quammen, adibidez–, beraz, nirea ez da berezia. Orijinala banintz pozarren nengoke, baina ez da horrela, ni imitatzen saiatzen naiz, ongi imitatzen hori bai. Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan entsegua hizpide, historia eta fikzioa nahastu izan dituzula aipatu du kritikari batek. Liburu horretan fikziorik dagoela? Bada, nik esango nuke den-dena benetakoa dela, eta ondo dokumentatua. Hala ere, Patagoniara Hazparnen barrena dela eta ez dela, berau plazaratu zenean salduenen artean egon zen, pozgarria argitaletxearentzat eta norberarentzat, baina harrituta ikusi nuen ez zegoela "ez-fikziozkoen" artean sailkatuta, "fikziozkoen" artean baizik. "Eta hori? Tira!", pentsatu nuen. Entseguak benetako historia bat kontatzen du, errealitatean gertatua. Hainbat ordu eman ditut horiek guztiak dokumentatzen. Jakina, fikziozkoen artean sailkatze hori laudorio moduko bat zen, alegia, hain ongi josita zegoela historia, ezen fikziozkoa ematen zuela, nolabaiteko fantasia bat dagoela nire ahaleginean, kreazio moduko bat. Baina ez, ez, ez. Hasieratik amaierara kontatutako guztia egiazkoa da, nahiz eta narraziorako aukeratzen ditudan hari batzuk autobiografikoak izan daitezkeen. Nik lantzean sartzen ahal dut ironia puntu bat, umore tantakada bat, baina printzipioz esaten dudan guztia berdaderoa da, beritablea, alegia, egiazkoa. Kritika onak ere izan ditu. Berria -ko Alex Gurrutxagaren hau, adibidez: "Letrak eta zenbakiak elkarrengandik hain urrun dabiltzan garaiotan, ez dira asko izaten lerro biak uztartzen dituzten ikertzaileak. Kepa Altonagak zientzia eta kultura, literatura eta ikerketa zientifikoa lotu izan ditu bere-berea duen saiakera moduan". Ez daukat nire burua idazletzat, esan dizudan moduan. Baina egiari zor, horretan badago gezurretik apur bat ere. Idazlea, nire ustez, benetan idazlea da kreazioan ari dena, hutsetik abiatu eta istorio bat hezurmamitzen duena. Nik idazteko, ezer baino lehenago datuak behar ditut, datu asko, datu historikoak, zientziazkoak, eta horiek zelan gardainatu pasatzen dut denbora gehien, historia harilkatu ahala eraikitzen. Abiapuntuan historiak dauzkat, dokumentuetatik jaso ditudanak, lanaren parterik politena dokumentazio lana da, eta parterik kreatiboena, hau da, ikustea historia horietatik zeintzuk izango diren nik baliatuko ditudanak kontakizunerako, zelan harilkatuko ditudan. Hor joan-etorriak daude, sarritan esaten dut meandroka egiten dudala, badakit kontakizuna noraino doan, itsasoraino, baina hor doa ibaia bezala buelta eta buelta bokaleraino iritsi baino lehenago, lan hori da kreatiboa, hor kreaziorik balego behintzat. Florentzio Basaldua (1853-1932) da liburuko protagonista nagusia. Bilboko ingeniaria, konbentzituta zegoen Patagonian Euskal-Berria sortzeko aukeraz. Hazparneko misionisten buru Janpierre Arbelbide da (1841-1905) beste bat. Historia da, baina ez da ezagutua. Batzuetan inpresioa daukat, hainbat kontuetan errepikatzen ari garela, hau da, egindako asko egina dago, baina ez dugu ezagutzen. Florentzio Basalduarena sinestezina da. Patagonian Euskal Berri bat egin nahi du. Eta batzuentzat sinesgaitza bada ere, hara joan baino lehenago Hazparnetik pasatu zen, hemen bizi izan zen. "Bilbotar bat Hazparnen ikasten egon dela? Baina zelan? Nondik? Nola?", dio jendeak. Horrelako kontuak aipatzen dizkiozu dakienari, konparazionera Piarres Xarriton zenari, eta esaten dizu "bada bai, garai batean Hazparne hegoaldeko ikaslez beterik zen", baita azalpenak eman ere. Hau da, aztertzen hasten zara, pentsatzen duzu harremanak txiripazkoak izan zirela, baina gero konturatzen zara bazegoela sare moduko bat. Sare horien barruan oso erraza da bi pertsona horiek elkarrekin topo egin izana. Florentzio Basaldua eta Janpierre Arbelbide elkarrekin aritu ziren. Nik ez dut lortu erabateko "froga", ez ditudalako biak argazki batean aurkitu, baina indizio guztiek erakusten dute lotura bat izan zela. Zer ondorio atera dezakegu? "Hegoaldekoentzat Iparraldea egun leku exotiko bat bilakatu da. Aldiz, iraganean, ez zen leku exotikoa, ez hemen ez Argentinan" Bada, iraganean Iparraldeko eta Hegoaldeko hainbat arlotan harremanak eta loturak izan direla, baina hegoaldekoentzat Iparraldea egun leku exotiko bat bilakatu dela. Aldiz, iraganean, ez zen leku exotikoa, ez hemen ez Argentinan. Argentinan euskaldunak, euskaldunak ziren, ez Iparraldekoak edo Hegoaldekoak. Euskaraz egiten zuten eta liburuan erakutsi dudanez, Argentinan euskarazko liburuak zeuden, non eta Argentinan argitaratuak. Niretzat jakitea hori existitu dela ikaragarria da. Hainbat edizio daude euskaldunentzat propio eginda. Hegoaldeko euskaldun askok eta askok ez zekien gaztelaniarik, Iparraldekoek batek ere ez. Euskaldunek, Iparraldekoak izan zein Hegoaldekoak izan, espainola behar zuten eta " Yo amo " ikasteko "Nik maite dut" zuten abiapuntu Argentinan. Liburuan hauxe diozu: "Elisee Reclusen lanaren Les Basques, un peuple qui s'en va izenak dena esaten du". Bazihoan herri bat gara, hala ere, beti atxiki nahi izan dugu eta berau eraiki ere. Horretan segitzen dugu nolabait. Itxuraz herri agoniko bat gara hasieratik eta agonia horretan gaude. Antza denez, gure gurasoek bizi zutena, guk orain guraso garela, gure umeekin bizi dugu: "Hauek zelango euskaldunak izango dira?", galdetzen dugu. Edota "hemendik joango ote diren..." kezka bizi dugu. Euskaldunok ez gara mundu honetara herri normala izateko etorri. Nik Patagoniako historia orain aztertu dut, baina liburuan ageri denez, gauza batzuk nire umezarotik hasten dira. Umetan amaren osaba bat amerikanoa neukan, eta aitaren aldetik ere senideak Amerikan zeuden. Gosea aipatzen dut, eta gosea ez da aspaldiko kontu bat, gosea gure aurreko belaunaldi batek bizi izan du, eta perspektiba kontuan hartuta, gure ondorengo belaunaldiak gosea bizi izango du berriro ere. Gizarte honetan ikusten dena ez da oso esperantzagarria. Hau da, nik txikitan ikasitako lexiko bat estalita dago, badirudi ehortzita dagoela, baina erabili beharrean izango gara: "Gosekila" berba, esaterako. Guk "gosekilo" erabiltzen genuen umetan. Diaspora da euskaldunon bizitoki bat. Zer iritzi duzu euskal diasporaz? Diasporan ez dut konfiantza larregirik. Aspaldi baten AEBetako Nevadan bizi izan nintzen sei hilabetez eta ETBko programak egiteko beharbada badago gaia, baina… "baina" bat utziko dut. Diagnostikoak behar dira, horiek dira inportanteak, diagnostikoan ez badugu asmatzen ez dago etorkizunik. Nire ustez, Euskal Herriaren etorkizuna gune edo geografia honetan erabakiko da, berton.     "Diagnostikoak behar dira, horiek dira inportanteak, diagnostikoan ez badugu asmatzen ez dago etorkizunik" Dena dela, gure historian bestelako asmoak izan dira. Florentzio Basalduak Patagonian proposatu zuen beste Euskal Herri bat eraikitzea, eta sasoi bereko Sabino Aranaren testu batzuetan –egungo Euskal Herririk ez zegoen hala ere– hark ere Euskal Herria Afrikan eraikitzea proposatu zuen, eta inolako lurraldetasunaren inguruko mistifikaziorik gabe. Basalduak nahiz Aranak lurraldearekiko izan zezaketen atxikimendu fisikorik ez dut igarri, testuetan behintzat. XIX. mendean, galestarrek eta judutarrek beste esperimentuak egin zituzten, hau da, hainbat herrik bazeukaten horrelako proiekturen bat, euren jatorrizko lurraldetan arazoak zituztelako, ez gara bakarrak izan. Gaur egun Euskal Herria hemen izanen da, edo inon ez. Edo hemen trinkotzen dugu masa kritiko bat edo azukre koskor hori urtu egingo da, eta "izan ginen", besterik ez. Pesimista… Ez. Errealista eta optimista ere bai. Historizismoan badago pentsamendu bat XVI. mendera garamatzana, Leizarragaren garaira. Orduko sasoiko euskara, orduko euskalduntasuna erabatekoa zen hemen, herria ehuneko ehunean zen euskalduna, eta "hobea" horrenbestez. Hori esanda ere, orain inoiz baino hobeto gaude. Pentsatzea XVI. edo XVII. mendean Euskal Herria hobeto zegoela ez da errealista. Diagnostikoa aipatu duzu, nola egin diagnostiko hori? Esaterako, "herri hau euskalduna da, espazio berriak eraiki behar ditugu… " esan ohi da. Hasteko, premisa bat, euskaldunek ez dute euskaldun izan gura. Egunero ikusten dut hori eskola emateko gelara sartzen naizenean. Hogei urteko euskaldunak dira, ume-umetatik ikastolan heziak, eta egiten dute zelan-eta erdaraz. Inork ez du hori ikusi gura? Ez dago joera hori aldatzeko erremediorik? "Momentu batean –orain urte batzuk– egon zen aukera bat kalitatearen alde egiteko, baina kantitatea lehenetsi zen" Asignatura bera ematen dut nik euskaraz eta erdaraz: "Zertara zatozte euskarazko gelara?", esaten diet ikasleei. Aukeran daukate. Hipotetikoki, zuk erretzaileen gelan nahi baduzu egon, hori aukeratzen duzu kurtso hasieran. Eta gela horretara zoaz. Ez egin "ez-erretzaileen gela"-ren aukera, eta gero bertara erretzera joan. Hau da, erdaraz egiten baduzu, joan erdarazkoen gelara. Nik dakidala, UPVn [EHUn] inork ez du dokumentu ofizial batean egoera hori aztertu edo aipatu bederen. Zergatik egiten du aukera hori ikasleak? Ez dakit. Baina hori da aztertu behar dena. Horri buruzko diagnostiko bat egin behar da, edo joera hori aintzat hartu, bestela fikziozko egoera batean bizi gara. Ikasle horiek euskaldunak al dira? Paperetan bai. Horiek ez daude derrigortuta euskaldunen gelan ikastera, badute erdarazko gela. Ez dute zertan egon euskarazko espazioan. Momentu batean –orain urte batzuk– egon zen aukera bat kalitatearen alde egiteko, baina kantitatea lehenetsi zen. Zenbakiak hor daude, distira handikoak, baina errealitatea ez da distiragarria. Eguneroko hori bizi duzunaren arabera, somatizatu eta guzti egin dezakezu egoera. Kezka hori ez da agertu ofizialki, baina denok ezagutzen dugu errealitate tristea.
news
argia-26bc6db15837
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/hala-bedik-auzitara-eramango-du-eusko-jaurlaritza-kazetari-bati-mozal-legea-ezartzeagatik.html
Hala Bedik auzitara eramango du Eusko Jaurlaritza, kazetari bati Mozal Legea ezartzeagatik
ARGIA
2018-04-18 00:00:00
Hala Bedik auzitara eramango du Eusko Jaurlaritza, kazetari bati Mozal Legea ezartzeagatik Ia urtebeteko prozesuaren ostean, Mikel Saenz de Buruaga Hala Bediko kazetariari ezarritako isuna berretsi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak: Herritarren Segurtasunerako Legea aplikatu zioten kazetariari Gasteizko Errekaleor auzoan polizia-operazio bat grabatzeagatik. Alegazio guztiak baztertuta, Mozal Legeak zigortutako Euskal Herriko lehen kazetaria izango litzateke Saenz de Buruaga. Hala Bedik iragarri du "amaierara arte" iritsiko direla, "informazio-askatasunaren aurkako erasoari" aurre egiteko. Salatu dutenez, "Ertzaintzak egindako txosten faltsu bat" da erasoaren oinarria, eta horregatik administrazioarekiko auzi-epaiketara joko dute ebazpen zehatzailearen aurka. Hala Bedik aurkeztutako froga guztiak baztertu dizkiete. Hedabideak salatu du prozesu administratibo "kafkarra" izan dela Eusko Jaurlaritzaren jokabidea gogor kritikatu dute, "eskubide zibil eta politikoak urratzen dituen lege bidegabe bat" aplikatu duelako eta "muntaia polizial bati babesa" eman diolako. Eusko Legebiltzarrak aipaturiko legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu zuela gogoratu dute. Prozesu administratibo "kafkarra" bizi izan dutela adierazi dute eta defentsarako eskubidea urratu egin zaiela uste dute, izan ere aurkezturiko froga guztiak ukatu dizkiete, ikus-entzunezko fitxategiak eta polizien bertsioa auzitan jartzen duten lekukoen adierazpenak tarteko. Gainera, zigor-eskaera muntaia poliziala delakoan daude, "zalantzarik gabe". Gertaeren egunean bertan antolatutakoa baino, gerora eraikitako akusazioa dela uste dute, "Errekaleorren egindako kazetaritza-lanaren zigor gisa" eta egun hartan pairatutako erasoaren ondoren egindako "salaketa publikoaren mendeku gisa".  Zer gertatu zen Errekaleorren, 2017ko maiatzaren 18ko goiz hartan? Zergatik zigortu zuten Hala Bediko kazetaria bere lana egiten ari zen bitartean? Zergatik egin zioten eraso lanean ari zela? Zergatik ez zioten egunean bertan jakinarazi zigorra? Nola liteke polizia-txostenetan bere kazetari-izaera ez aipatzea, prentsa-txartelarekin identifikatu ondoren ere? Maiatzaren 18 hartan, Hala Bediko bi kazetarik egin zuten Errekaleorren gertatu zenaren jarraipena goizean goizetik, Errekaleor auzo okupatuan polizia-operazio abiatu zela jakinda, argindar-mozketa egin behar zutela-eta. Egun hartan argitaratutako eduki guztiak erraz aurki daitezke oraindik sarean: minutuz minutuko jarraipena sare sozialetan, telefono bidezko zuzeneko konexioak edota egun haietan milaka ikustaldi izan zituen bideoa bera.  Mikel Saenz de Buruaga Hala Bediko kazetariari eraso egin zion ertzain batek: grabatzeko erabiltzen ari zen telefonoa lurrera bota eta txikituta utzi zion 12:30ean, Mikel Saenz de Buruaga Hala Bediko kazetariari eraso egin zion ertzain batek, kazetaria poliziaren jarduna sakelako batekin grabatzen ari zen bitartean. Ertzain berak bota zuen sakelako telefonoa lurrera, nahita, eta txikituta geratu zen.  Horren ondoren, Hala Bediko bi kazetariek polizia identifikatzea eskatu zuten, eurek uneoro prentsa-txartelak eskuetan zituztela. Jasotako erasoagatik azalpenak ere eskatu zizkioten operazioaren buru ziren ertzainetako bati. Hori hala izanik ere, kazetariak eurak izan ziren azkenean identifikatu bakarrak. Mikel Saenz de Buruagaren kasuan, Ertzaintzak prentsa-agiria kendu zion, baita NA ere, inolako azalpenik eman gabe. Azkenean, ertzain-buruak bi agiriak itzuli zizkion, eskuz idatzitako paper batekin batera, ustez erasoaren erantzulearen identifikazio-zenbakia idatzita jasotzen zuena. Une hartan, ertzain-buruak iruzkina ere egin zuen: "Ezagutzen zaituztegu. Badakigu ingurune erradikalekoak zaretela". Hori gertatu bitartean, kazetariak ez zuen izan jokabide ezegokia izatearen berririk, eta inork ez zuen adierazi isuna ezartzeko asmorik. Areago, arratsalde hartan bertan, gertatutako guztia salatzeko komunikatua kaleratu zuen Hala Bedik. Bideo honetan ikus daiteke kazetaria Errekaleorren egon zela goiz osoan kazetaritza-lan hutsa egiten, polizia-hesiaren atzean: sakelako telefonoarekin grabatzen, sare sozialetan irudiak zabaltzen eta irratiarekiko telefono-konexioak egiten, berriemaile gisa. Ertzaintza iritsi eta minutu gutxira, beste polizia-hesi bat ezarri zuen Errekaleorreko sarreran eta, horren ondorioz, beste hedabide batzuetako kazetariek ezin izan zuten gertatutakoaren berri eman bertatik bertara. Hala salatu zuten haietako askok auzoaren sarreran bertan; areago, batzuek Hala Bediren irudiak ere erabili zituzten gertatzen ari zenaren berri emateko. Mozal Legearen eta prozedura administratiboen labirintoa Uztailean, baina, Errekaleorreko gertakariak izan eta bi hilabetera eta aldez aurreko inolako berririk gabe, Eusko Jaurlaritzak jakinarazpena igorri zion kazetariari: 602 euroko isuna ezarri zioten, Herritarren Segurtasunerako Legearen urraketa larriagatik, Mozal Legea izenez ezagutzen dena urratzeagatik, alegia. Espediente zehatzaileak polizia-txosten bat zuen oinarri eta, bertan jasotakoaren arabera, Hala Bediko kazetariak aipaturiko legearen 36.6. artikulua urratu zuen, "autoritatearekiko desobedientzia edo erresistentzia" baliatuta, ustez maiatzaren 18ko Errekaleorreko polizia-hesia gainditu zuelako. Akusazioa uneoro ukatu dute Hala Bedik zein kazetariak berak, eta "mendekutzat eta informazio-askatasunaren aurkako erasotzat" jo dute isuna. Une hartan, Hala Bediko asanbladak erasoari kolektibo gisa erantzutea eta publikoki salatzea erabaki zuen, "desobeditzeko asmoa" adieraztearekin batera: isuna ez zutela ordainduko jakinarazi zuten, baita azken ondorioetaraino errekurrituko zutela ere. Asanblada horrek berak jarri zuen erantzun hori mahai gainean "bidegabekeria" baten aurreko erantzun gisa, "legea bera ez delako bidezkoa eta egotzitako gertakariak faltsuak direlako". Elkartasuna eta hedabideetako oihartzuna oso handiak izan ziren, Mozal Legea euskal kazetari bati aplikatzen zioten bigarren aldia baitzen (Axier Lopez ARGIAko kazetaria izan zen lehena; isuna kendu zioten azkenean). Kolektibo eta elkarte askok eman zioten babesa Hala Bediri eta zigortuari berari, eta isuna «prentsa-askatasunaren urraketa» gisa hartu zuten. Hainbat hedabidek eta kolektibok salatu dute Hala Bediri jarritako isuna. Informazio Askatasunaren Aldeko Elkarteak salatu du Mozal Legearen "neurri gabeko hazkundea" Uztailaren 28an, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak komunikatu bateratua kaleratu zuten "informazio-eskubidearen aurkako eraso zuzena" salatzeko. Informazio Askatasunaren Aldeko Elkarteak ere kexa aurkeztu zion Espainiako arartekoari, "informazio-askatasunaren aurkako isunak arau-hauste generikoen artean ezkutatzea" salatzeko eta isun horien "neurri gabeko hazkundea" agerian uzteko.  Abuztuan, Espainiako arartekoak jarduketak abiarazi zituen, PDLIren kexaren haritik. Aldi berean, Hala Bedik EAEko arartekoarekiko kontaktuak egin zituen, eta horrek baieztatu zuen Herriaren Defendatzaileak espediente bat ireki zuela. Orain gutxi, PDLIk auziaren berri eman du 2017, el año de los delitos de opinión txostenean. Abuztuan, Hala Bediko kazetariak lehen errekurtso administratiboa ipini zuen. Gerora, zortzi hilabeteko prozesuaren eta sei jakinarazpen ofizial eta bost errekurtsoren ondoren, joan den martxoaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehapen-ebazpenaren jakinarazpena igorri zuen: Mikel Saenz de Buruagaren aurkako isuna baieztatzen zen bertan. Prozesu osoan kazetariak indefentsio-egoera pairatu duela salatu du Hala Bedik, baita isunaren arrazoia "goitik beherako gezurra" direla ere. Hala, beste hainbaten artean, "jakinarazpen-helegite-jakinarazpen labirintoan zehar etengabeak" izan diren elementuak kritikatu ditu. Hona horien laburpena: Espedienteak ez ditu egiaztatzen isunaren oinarri diren gertakariak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ukatu ere egin du Saenz de Buruaga bere prentsa-agiriarekin identifikatu zenik, eta Hala Bedik salatu duenez, "gai horren inguruan gezurretan aritzea bereziki larria da, hainbat pertsonak ikusi baitzuten hala izan zela". Salaketa ipini zuten polizien berrespen-aktarik ez du jaso oraindik defentsak, ezinbesteko dokumentua izanik ere Hala ere, behin eta berriz jo da Herritarren Segurtasunerako Legearen 52. artikulura, zeinak honakoa dioen: "Gertaeren lekuko izan diren agintaritzako agenteek eginkizunak betez egindako salaketak, atestatuak edo aktak –salatutakoek horiek ukatzen badituzte agenteek berretsi ondoren– oinarri nahikoa izango dira dagokion ebazpena hartzeko". Betiko "euren hitza zurearen aurka", baina muturrera eramanda, ez baitu ematen inolako aukerarik kontrakoa demostratzeko. Areago, behin eta berriz eskatuta ere, defentsak ez du oraindik jaso salaketa ipini zuten polizien berrespen-akta, eta hori ezinbestekoa da aipaturiko 52. artikulua aplikatzeko. Ukatu egin dira aurkezturiko bi lekukoen idatzizko deklarazioak eta horien inpartzialtasuna auzitan ipini da, Hala Bediko lankideak direla argudiatuta. Horietako bat gertatutakoaren lekuko zuzena izan zen, eta bestea erredakzioan zegoen, isuna jaso duen kazetariarekiko etengabeko kontaktuan. Era berean, kazetaria bere lana egiten ari zela frogatzen duten audioak ere badaude, Hala Bedi irratiarekin zuzeneko hainbat konexio egin baitzituen egun hartan.  Froga gisa aurkezturiko bideoaren balioa ere ukatu egin da, ez dituelakoan gertakariak "bere osotasunean" jasotzen. Hala Bediren esanetan, hori esatea "bideoaren edukiaren aurrean ez ikusiarena egitea da, ahaztu gabe behin betiko froga gisa balioko lukeen bideo bakarra txikitutako sakelakoarekin grabatutakoa izango litzatekeela". Hala Beditik salatu dutenez, "formula argia da: erruduna da, kontrakoa demostratzen ez bada". Horregatik, gaitzespen argia egin dute: "Isuna salatu nahi dugu, baina baita prozesu administratibo zehatz hau ere, eta Mozal Legea, orokorrean". Prozesua "gezur baten gainean eraikitakoa" dela uste dute eta "amaieraraino" iritsiko direla adierazi, "bidegabekeria gauzatu ez dadin". Isildu gabe, mozalik gabe, adierazpen-askatasunaren alde Ez da kasu bakarra. Mozal Legearen bitartez zigortutako lehen euskal kazetaria izango litzateke, baina Eusko jaurlaritzak 8.000 alditik gora aplikatu du legea 2016ko uztailetik, legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu zuen arren. Gainera, eskubideak urratzeko erabiltzen da: eskubide zibil eta politikoak eta adierazpen-, prentsa- eta informazio-askatasuna daude jokoan. Eusko Jaurlaritzak 8.000 alditik gora aplikatu du Mozal Legea 2016ko uztailetik "Ez da kazetari baten aurkako erasoa, baizik eta Hala Bediren aurkako erasoa, Errekaleorren aurkakoa, herri-mugimenduaren, disidentzia politiko eta sozialaren aurkakoa eta, batez ere, informazio-askatasunaren aurkakoa", azaldu dute hedabideko kideek. "Hala Bedik salbuespenezko legea desobeditzea erabaki zuen kolektibo gisa, eta horren arabera jardungo du hemendik aurrerakoan ere, akusazioa faltsua delako eta legea bera bidegabea delako, demokrazia baten oinarrizko askatasunak arriskuan ipintzen dituelako, azken batean. Herritarrei informazio osorako sarbidea ukatzen dien eta kazetaritza-lana oztopatzen duen sistema bat ezin da sistema demokratikotzat jo". "Hala Bedik ez du onartuko zentzugabekeria honen oinarrian dagoen premisa: polizia baten lekukotza froga gisa onartzeak poliziak bere lana profesionaltasunez egiten duela onartzea dakar, eta kazetariak, aldiz ez". Egoera onartezina dela adierazi dute Hala Beditik, informazio-askatasuna arriskuan ipintzen baitu eta informatze-lana auzitan ipintzen baitu. "Xehetasun hori kontuan hartzen ez bada, poliziei edozein gehiegikeria egiteko aukera eman dakieke bere gustuko ez diren kazetari edo hedabideen aurka".   Datozen asteotan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ipiniko du Hala Bedik ebazpen zehatzailearen aurka. Hala, bide juridiko guztiak agortzeko asmoa adierazi dute, baita epaiketara jotzeko asmoa  ere, euren informatzeko askatasuna defendatzeko ez ezik, informazio-aniztasunerako eskubide kolektiboa defendatzeko ere bai. Gainera, datorren ostiralean, apirilak 20, goizeko 10:30ean, Hala Bedik agerraldia egingo du Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean informazio-askatasunaren aurkako erasoa salatu, isuna bertan bahera utzi eta Eusko Legebiltzarrari Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa bete dezan exijitzeko. Bitartean, euren lana egiten jarraituko dutela esan dute, orain arte egin duten bezala, horixe izango baita bidegabekeriaren aurkako desobedientzia-ekintzarik eraginkorrena. "Isildu gabe, mozalik gabe. Eurengatik, guztiongatik".
news
argia-d30362b09968
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/balea-hegodunak.html
Balea hegodunak
Irati Majuelo Itoiz
2018-04-29 00:00:00
Balea hegodunak Belako taldearen kontzertuaren kronika. Iruñeko Zentral aretoan, apirilaren 21ean. Urpean geratzear zegoela iritsi da eguzkia hirira. Neguan iraun duten espezimenak urazalera atera dira bizitza ospatzera, eta hortxe zaude zu, zapaburu aztoratuen artean, kontzertu batera joateko zain. Aurretik 73 egun geratuko ez balira oraindik, Iruñea San Ferminen atarian dagoela esanen zenuke: txarangak, bermuta eta eguzkitako betaurrekoak Alde Zaharrean, kale-okupazioaren aldarri masiboa. Inork ez du handik mugitu nahi. Els carrers seran sempre nostres . Egia esan, horrelako gaugiroarekin leku itxi batean sartzeak nagia ematen du. Hala ere, Zentralera hurbildu zara eta harritu egin zaitu aretoa horren beteta aurkitzeak. Ez dakizu oso ongi zergatik, baina oraindik harritu egiten zaitu auzokideen gustu musikal onak. Yellow Big Machine taldea ateratzerako, leku gutxi geratzen da libre garagardo bat lasai hartzeko. Aretoko giroa epeltzen doa bilbotarren abesti-zerrendak aurrera egin ahala, eta kontzertua amaitzerako publikoa bero utzi dute, Belako noiz aterako zain. Isilune urduria; badatoz. Ez zenuke jakinen esaten zehaztasunez zer den. Ez dakizu inguruan kiribiltzen zaizun ahots hori den, gitarrak eta baxuak elkarri begiratzean sortzen duten zarata ederra edo bateriaren indar amaigabea. Ez zenuke jakinen esaten ea horregatik den. Eta hori baino askoz gehiago dela badakizu. Belakok maitemindurik uzten zaitu oholtza baten gainean ikusten dituzun bakoitzean. Ezin duzu ekidin haiei begira ateratzen zaizun begirada tonto hori. Kontzertua amaituta berdin jarraitzen duzu. Ez da seinale txarra izanen. Hala ere, esanen zenuke Zentralekoa ez zela, akaso, plazarik errazena mungiarrentzat. Otsailean disko berria Bilbon aurkeztu zutenetik lehenengo kontzertua izan da Euskal Herrian, eta Render Me Numb, Trivial Violence jendaurrean eskaintzen daramaten erritmoa ikusita, nekaturik irits zitezkeela pentsatu duzu une batez. Baina zer da hori azkenengo urtean munduari buelta eman dion talde batentzat. Diskoko lehen abestiko – Maskenfreiheit I – esku-zartadak entzun eta indarrez hartu du eszenatokia laukoteak, kontzertuak emanen duena hasieratik jarrerarekin aurreratuz. Maskarak kanpora! Nabari duzu publikoko jende askok abesti berriak oraindik ez dituela guztiz ezagunak, eta zertarako engainatu, zuk ere ez. Gaueko lehenengo klimaxa aurreko diskako Hegodun baleak kantarekin heldu da, eta areto guztiarekin bat mugitu duzu burua alde batetik bestera, biharko tortikulisarekin batera pare bat hego aterako zaizkizun itxaropenez. Hortik aurrera denak egin du gora, eta azkar pasa dira azken akorderarteko minutuak. Izerditan eta irribarrea ahoan agurtu dute mungiarrek publikoa, haiek ere sortzen duten magia zaratatsu hori nondik datorren jakinen ez balute bezala. Zeharka begira zaudela, hego parea nabaritu diozu bakoitzari garondotik hurbil, apenas hauteman daitezkeen balea hego bi. Hor dago Belako, urpean geratzear zegoen hiri honetatik hegan ateratzeko prest.
news
argia-70ea0bd8e9a1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/zad.html
Erresistentzia beltza eta koloretsua
Itziar Bardaji Goikoetxea
2018-04-29 00:00:00
Erresistentzia beltza eta koloretsua Bretainiako Notre Dame des Landes-eko aireportuaren aurkako borroka luzea da, ia 50 urtekoa. Ingurune natural nasaia suntsituko zuen proiektua geldiaraztea lortu dute ekintzaileek. Garaipen historikoa da inondik inora, baina horrekin batera gerra deklaratu dio Frantziako Gobernuak hainbeste urtez ZADen eraikitako bizi-proiektu komunalari. Gaur gaurkoz Macronek bidalitako 2.500 jendarmeek ez dute lortu erresistentzia gunea desegitea. Itziar Bardajik egunotan ZADen ikusi eta bizi izandakoa dakarte ondorengo orriek. Notre Dame des Landesko ZADera iritsi naiz apirilaren 13an, ostiralean, operatibo polizialaren bosgarren egunean. Goizean Loire Atlantique-ko prefetaren deklarazioaren berriak esnatu nau. Astelehenean hasitako kanporaketak bukatutzat eman dituzte: 40 gune hustu (desalojatu) eta eraisteko agindua zuten jendarmeek, haietatik 29 hustu eta suntsitu dituzte. Halere, ZAD honetan emango ditudan lau egunetan poliziaren presentzia eta zadisten (horrela esaten zaie hemen daudenei) konfrontazioa konstantea izango da. Errepideak garbituko dituzte eta berreraikitze saiakera oro ekidin. Negoziaketak eta prefekturaren deklarazioak urrun geratzen dira, gas negar-eragilea eta helikopteroaren zarataren atzean lauso. Gas negar-eragilea Ostiralean bertan probatu dut gasa. Azkurak begiak erretzen du eta ezin dut arnasarik hartu. Larunbatean ere, igandean, astelehenean. Gasa. Lokatza. Gasa. Granaden zarata, izua, adrenalina. Gasa. Helikopteroa, dronea. Gasa. ZAD-en komunikatua: "Gatazka eraldatu egin da eta dagoeneko ez da azpiegitura suntsitzaile proiektu baten aurkakoa, bizi garen lurraldea elkarbanatzeko baizik. Leku hau zementuz estaltzea ekidin genuen eta bere etorkizuna zaintzea dagokigu" 2.500 polizia mobilizatuak izan dira. Tanketak, bulldozerrak, ura presioan botatzen dituzten kamioiak ere bai. Zadistek barrikadak eraikitzen dituzte poliziari bidea mozteko: pneumatikoak, metalezko xaflak, egurra, bizikletak, gas bonbonak, kotxeak, edo kotxe izandakoen arrastoak, denetarik. Poliziak desegin eta berriz eraikitzen dira hamaika aldiz. Harriak eta bestelakoak botatzen dizkiete poliziei, edo gas pastillak itzuli, horien edo ezkutu artisau bitxien atzetik. Gas negar-eragileaz gain, Poliziak granada zaratatsuak botatzen ditu. Benetan arriskutsuak dirudite. Ikusi dut nola goratzen den lurra, geratzen diren zuloak, eragiten duten odola. Barrikadetan Larunbatean ikasi dut barrikada atzeko giroa. Batzuk aurre-aurrean, mota guztiko maskara eta betaurrekoaz babesturik. Apur bat atzerago, bere presentziaz erresistentzia egiten dutenak, lekuko, aurrekoen babes eta babesten denaren adierazle. Eta lakrimojenoen eraginak arintzeko limoia, almax-a, kolirioa... Han eta hemen. Argazkia: Enara Fortes Handik metro batzuk aldenduta, ezusteko lasaitasun batek harritzen nau. Estatuaren eta bere kontroletik at geratu den mundu txiki honen arteko guda honen atzeguardian lan eta lan ari da beste pertsona pila bat. Bigarren gudaroste honek beti du kafea prest, beti dago jateko zer edo zer eta erizaintzarako materiala ez da inoiz falta. La Wardine eta Foisses Noires bezalako gune seguruagoetan, eraitsi beharreko eraikinen zerrendan ez daudenetan, sukaldea etengabeko mugimenduan dago, ZADeko radio klaxon -ek informazioa eta musika tartekatzen du eta afalorduan giro onean elkartzen da jendea eguneko balorazio eta asanblada orokorra egiteko. Proportzioak idealizatu ezin badira ere, barrikadan neskek aurpegia estaltzen duten heinean sukaldean gizonezkoak ere ugari ari dira lapikotan. Arratsaldez Nantesen deitua da ZADen desalojo saiakeraren aurkako elkartasun manifestazioa. Izugarrizko jendetza eta aniztasuna. Adin eta janzkera orotako gizon emakumeekin nahasten dira silueta beltz maskaradun eta kaputxadunak. Berriz ere istilu itzelak eta errepresiorako baliabide erakustaldi ikusgarria. Konfrontazioa aukeratzen duten manifestarien aldetik ere, Hego Euskal Herrian urtetan ikusi ez direnak, urtetan ikusiko ez direnak, akaso. Zizel eta mailuaz lurreko galtzada-harriak apurtzea normalizatuta dagoela dirudi, eta esango nuke Poliziari harrika ibiltzea ez dutela gaizki ikusten manifestazioa lasaiago hartzen dutenek. Aireportuaren aurkako borrokan, nahiz helburu horri jarraiki zonaldean bizitzera geratu direnen aldarrian, hots, bertan geratzeko eta lurrak lantzeko zilegitasunaren defentsan, gatazkari heltzeko modu guztiek bere tokia topatu dute, besteen manerak errespetatuz. Estrategia legalistak; ekintza zuzena; erasoak poliziei; ekimen baketsu, irudimentsu, artistiko eta estranbotikoak. Dena nahasten da ekosistema berezi honetan. Aireportua ez da egingo Nahi adina eraikuntza behera botako du Poliziak, baina gune zabal honetatik zadista guztiak kanporatzea eta berrokupazio saiakerak ekiditeko moduko presentzia poliziala mantentzea ez zaio Emmanuel Macron presidenteari erraza izango Metodo hauen guztien konbinazioak lortu zuen pasa den urtarrilaren 17an Edouard Philippe lehen ministroari aireportua ez zela egingo esanaraztea. 50 urteko borrokaren garaipen historikoa. Eta horrela jaio zen desjabetzeen bitartez estatuaren jabetzapean geratu diren 400 baso eta landa hektarea hauekin zer gertatuko ote denaren galdera. ZADen azken urtetan bizi izan direnek argi aldarrikatzen dute erantzuna ematea beraiei dagokiela, hala adierazi dute komunikatu batean: "Gatazka eraldatu egin da eta dagoeneko ez da azpiegitura suntsitzaile proiektu baten aurkakoa, bizi garen lurraldea elkarbanatzeko baizik. Leku hau zementuz estaltzea ekidin genuen eta bere etorkizuna zaintzea dagokigu". Frantziako Estatua ez dago hori onartzeko prest eta, legea eskuan, ZAD husteko lehenengo pausoa izan da apirilaren 9ko astean barrena eraikin irregularren eraistea, hilabeteko iraupena aurreikusia duen operazio polizialaren markoan. Argazkia: Enara Fortes Nantestik La Gree -ra Larunbat gauean, Nantesetik itzuli ondoren, La Gree -ra goaz lotara. Gune honetan ZADeko asterokoa inprimatzen da, bizikleta tailerra zegoen eta grabaketa estudio bat. Gaur pizzak egin dituzte eta ZADeko dokumental bat pasatzen ari dira. Baina nik ez dut horretarako gogorik, hainbeste begitan ikusi dudan nekeak ni ere harrapatu nauela konturatu naiz. Lozaku azpian manta pare bat, dohaineko dendan hartu ditugun arropa batzuk eta esterila soilik ditudan arren, aterpetzen gaituen ukuilu ohiaren atzealdeko musika eta solasak ez dit loa kentzen. Biharamunean, igande goizean, norbaitek, presaka bota lokaztuak lotzen dituen bitartean, egoeraren berri eman du. Frantsesa eta loa gainditzea lortzen ditugunean ulertu dugu Poliziak ZADeko gune gehienak inguratuak dituela, hau barne. Gaurko deialdia aste hasieratik dago egina. Eraispenei erantzuna: berreraikitzea. 2012ko kanporaketa saiakeraren ondoren izan zen moduan, auzolan masiboa egin nahi dute. Le Gourbi-n etxe baten egurrezko estruktura eraikitzea lehenetsi da, 2012ko berreraikuntza horretan, hain zuzen, eraikitako gune sinbolikoa delako. Bertan egin izan da astero non-marché : ez-merkatua. ZADeko kolektibo ezberdinek ekoiztutakoa (barazkiak, gazta, ogia...) bertan partekatzen da prezio librean, hau da, bakoitzak libreki hartzen du nahi duena eta libreki uzten du nahi duen ordaina; ZADen beti egiten den bezala. Goizaren parte bat La Gree -tik atera ezinean eman dugu. Berreraikuntza oztopatzeko, bideak garbitzeko eta zadistek irekitako zangak konpontzeko jendarmeek ez dute ZADen barna mugitzen uzten. Poliziak txanda aldaketa egin duenean kordoiak apurtu dira eta kanpotik 10.000 pertsona auzolanera datozela entzun dugu. Wardine -rantza goaz, hura ikustera. Gurutzatu behar dugun errepidean dauden jendarme furgoiak ezin ditut kontatu. Hogeita hamar al dira? Tanke bat, ura presiora botatzen duten kamioi bi eta robokop itsurako gizonak han-hemenka, kasko, ezkutu, auskalo zein motako arma eta bestelako tramankuluz hornituta. Bideojoko baten barruan sentitu naiz basoan zehar ezkutuan eta korrika ibili garenean beste aldera furgoi guztien atzetik pasatzeko. Geroago jakin dut ez dela jolasa, horretan ari zen tipo bat lurrera bota eta jipoitu dute. ZADeko kolektiboek ekoiztutakoa (barazkiak, gazta, ogia...) partekatzen dute prezio librean, hau da, bakoitzak libreki hartzen du nahi duena eta libreki uzten du nahi duen ordaina Pasa den udan Euskal Herritik iritsitako hamarnaka pertsonen laguntzaz eraikitako Ambazada -ra iritsi garenean, berriro ere harridura. Giro alaia, koloretsua, adin eta itxura guztietako jendea. Batukada bat han. Gitarra bat hemen. Batzuk larrean eserita, besteak dantzan. Nafarroa Oinez dirudi honek. Metro batzuk aurrerago kordoi poliziala larre baten zabalera osoan. Jendarmeak serio, isilik, ortzi-mugara begiratzen saiatzen dira. Ia guztiak ari dira parean duten manifestari baten monologoa jasaten. Minutu batzuk geroago benetako bataila bat. Poliziak gasa eta granadak "konfetia bailitz" bota ditu lau edo bost orduz. Zelaira begiratu eta gas laino bukaezina. Atzera biratu ta eraiki nahi den etxearen teilatua dantzan, jendetzak helmugara daramala. Gauean egin da garraio honen bukaera, jendarmeak ZADetik kanpo ondoko herrietako hoteletara bueltatu direnean. Garaipena giroan. Eta astelehen goizean, déjà-vu -a: Le flics sont icí . Barrikada, granadak, kolirioa, harriak, tanketa. Aurreko egunean eraikitako non-marché berria suntsitua. Bazkari goxo giro onean. Gaurko nobedadea, eguzkia. Iritsi zaigu Euskal Herrira bueltatzeko momentua. Zaila egiten zait honen bukaera irudikatzea. Nahi adina eraikuntza behera botako du Poliziak, baina gune zabal honetatik zadista guztiak kanporatzea eta berrokupazio saiakerak ekiditeko moduko presentzia poliziala mantentzea ez zaio Emmanuel Macron presidenteari erraza izango.
news
argia-4c96a2281f16
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/plentzia.html
Auzolanean ari dira Isuskitzako basoa eraberitzen
Garazi Zabaleta
2018-04-29 00:00:00
Auzolanean ari dira Isuskitzako basoa eraberitzen Txalupa hartu eta itsasadarra jarraitzea da Plentziako (Bizkaia) Isuskitza basora iristeko modurik errazenetarikoa. Hirigunetik kanpo, periferiako auzoetako bat da Isuskitza, gaur egun urbanizazio pribatua den gunea. Urbanizazioaren ondoan, ordea, lur publikoak ditu Udalak. Iaz, urteetako utzikeriari aurre egin eta Isuskitzako basoa eraberritzeari ekin zioten boluntario taldeek eta herriko hainbat eragilek, Udalaren babesarekin. Basoa eta ontziolak Erdi Aroan Plentzian garrantzia handiko jarduera izan zen ontziolena. Nondik ateratzen zuten egurra ontziolek? Bada, Isuskitzako hariztitik. "Ikusi genuen baso honen eraberritzea aukera polita zela gure ondarearen eta historiaren garrantzia ere mahai gainean jartzeko", azaldu dute Plentziako Ingurumen sailetik. Bertako baso autoktonoa berreskuratzea ezezik, herriko historiaren zati bat berreskuratzea ere badute asmo. Udaletxeko artxibo historikoan arakatzen aritu ziren proiektuko kideak: "Guztia azaltzen da hor: garai hartan zer zegoen basoan, zer landatzen zen mintegietan…". "Sortutako eukaliptoek, akaziek eta panpa-lezka bezalako espezie inbaditzaileek estaltzen dituzte Tranpaerrekako magal aldapatsuak eta itsasadarraren ondoko malda apalagoak". Isuskitzako basoaren inguruko txostenean azaltzen da zein espezie diren nagusi egun inguru horretan. Plentzian egoera zertxobait hobea bada ere, eukaliptoen eta bestelako espezie inbaditzaileen zabalkundea oso handia da Uribe Kostan, bertako basoentzat kalte. Horregatik, Plentziako Udalak argi du baso politika aldatzea beharrezkoa dela. Bide horretan doa Isuskitzako basoa eraberritzea. Auzolana eta herriko eragileen inplikazioa Boluntario taldearen eta herriko hainbat elkarteren lanari esker ari dira Isuskitzako basoa zaharberritzen. Bihurtuz GKErekin batera mintegia sortu dute baso eremuan, eta Plentziako eskolakoek ere parte hartu zuten hasieran haziak bonbiletan landatuz, ondoren basora eramateko. Orain, herriko institutuarekin, gaztetxeko 'Txiki Asanbladarekin' eta auzokideen beste zenbait elkarterekin elkarlanean hasiko dira. Apirilaren 29an, esaterako, irteera eginen dute Isuskitzako basora landaketekin jarraitzeko. "Boluntariook auzolanean ari gara proiektua aurrera ateratzen, baina herriko elkarte eta eragileen inplikazioa ere bilatzen dugu, proiektuaren egunerokotasunean ez bada ere ekimen ezberdinen bidez parte hartzea bultzatuz", diote Ingurumen sailetik.
news
argia-fc0c0b070c50
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/sahara.html
Hiru belaunaldi, muturreko lurraldean harrapatuta
Miren Osa Galdona
2018-04-29 00:00:00
Hiru belaunaldi, muturreko lurraldean harrapatuta Bederatzi egun motz gera daitezke lau hamarkadako korapiloaren muina ulertzeko. Sahararrek 42 urte daramatzate Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan bizitzen eta hango errealitatea ezagutzeko asmoz 88 zumaiar bertaratu dira, Darahli Elkarteak antolatutako bidaian. Auzolanean, bi herrien arteko elkarlana bideratzea eta 16 urteko ikasle euskaldunek ikas-esperientzia aberasgarriaz gozatzea da helburua. Haiekin bidaiatzeko aukera izan dut. Lehen zirrara bidaia hasi ahala senti daiteke. Bihotza uzkurtzeko moduko paisaia da kanpalekuetakoa. Ezkerrera nahiz eskuinera begiratuz gero, begien aurrean dagoena nekez aldatzen da: harriz eginik dauden etxe baxuak, oihalezko haima ederrak, izorratutako autoak eta hondarra. Kolore marroiak zeruaren urdin argiarekin kontrastea egiten du. Eguzkiak gogor jotzen du eta itzala ura bezain preziatua izan daiteke. Lasaitasuna nabari da, jendeari patxadaz joaten baitzaizkio minutuak. Umeek irribarretsu agurtu gaituzte eta emakumeek etxeko ateak zabaldu dizkigute. Lehen begi-bistakoan ulergaitza zaigu hondargunea bizitoki izan daitekeenik; bederatzi eguneko bidaiak, azalak ezkutatzen duena ezagutzeko parada eman diezaguke. Aisha lau anai-arrebetatik gazteena da. 14 urte bete berri ditu, ikasle fina da eta ez du aparteko afiziorik. Azal leuna du, begi distiratsuak eta ile indartsua. Noizbehinka zapi bat darama buruan, baina oraindik ez du ohikoena. Udako oporraldia dela eta, duela hiru urte Kataluniako familia batekin pasa zituen bi hilabete, eta urtebete geroago Avilako herrixka batean izan zen. Gaztelaniaz ederki moldatzen da eta lehen egunetik bere familiaren eta gure arteko itzultzaile titulua eman diogu, hassanieraz eta euskaraz nekez ulertuko baikara. Zugeko Dairan jaio zen, Ausserdeko Wilayan, Aljeriako ipar mendebaldean; saharar errefuxiatuen kanpalekuetan. Tea hartzen ari garela kontatu dit, oro har, Zugen bizitzea ez duela gustuko. "Eskolara joatea gustatzen zait, baina hemen bizitzea ez. Ez dago ezer eta beti berdina egiten dugu. Nekagarria da hemen bizitzea". Teari tragoxka bat eman diot, hitzok barneratzen lagunduko didan esperantzaz. 14 urterekin gordintasun horrekin hitz egiten duenak aspaldi utzi zion haur izateari. Handitan erizaina izatea gustatuko litzaiokeela aitortu dit, baina jakitun da oso zaila izango dela. Kanpalekuetan ez baitago unibertsitaterik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza arteko ikasketak jasotzen dituzte eta goi mailako ikasketak lortzeko bidea atzerrian dago. Nazioarteko laguntzarik edo beka berezirik ezean, datozen urteak etxean igaroko ditu, "amari laguntzen-eta". Eredutzat du ama. Borrokatzeko esan diot, neska azkarra dela eta lortuko duela. Beste aldera begiratu du. Zer ote daki Mendebaldeko neska zuri honek borrokatzeaz galdeginez bezala bere buruari. Aishak, familiako gainontzeko guztiek bezala, odolean darama borrokatzeko grina. 42 urte daramatzate sahararrek Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetatik euren herria berreskuratzeko borrokan; Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu eta indarrez kanporatu zituen, makina bat herritan giza eskubideak errotik urratuz. Aljeriako ipar-mendebaldean aurkitu zuten babesa eta emakumeak arduratu ziren ezerezetik herri berri bat eraikitzeaz: oihal zatiekin eta makila pusketekin eraiki zituzten lehen etxeak eta harreman horizontala eraiki zuten, zaintza eta elkarlana erdigunean jarriz. Gaur gaurkoz, kalkulatzen da 150.000 lagunek esperoan jarraitzen dutela basamortuan. Ibon Ibarguren, irakaslea: "Hezkuntzaren helburua, ikasleak eduki teorikoz hornitzeaz gain, bizipenak eskaintzea izan beharko litzateke" Bestearen lekuan jartzea Darahli Elkarteak hamabi urte daramatza Zumaiako gazteei errealitate hura hurbildu nahian. Darahli hitzak besarkada esan nahi du hassanieraz eta bi kulturen artean sortzen den konexio berezia ezin hobeto islatzen du. 16 urteko ikasleak izaten dira bidaiaren protagonistak. Abentura, hiru urteko ikasketa prozesu baten amaiera dela kontatu du Ibon Ibarguren irakasle eta koordinatzaile nagusiak, bidaiak zuzenean interpelatzen zaituen arren, aurretik testuingurua ezagutzea funtsezkoa baita. Bidaia oso garestia da eta ekonomikoki bideragarria izateko diru-laguntzak eskatu behar dituzte, horrek dakarren ardura guztiarekin. Alabaina, behin kanpalekuetako hondarra zapaltzean, zama aise arintzen dela onartu du. "Sentitzen dudan bizipoza edozein arrangura baino indartsuagoa da". Irakasle gisa, garrantzitsua iruditzen zaio ikasleak sahararrek transmititzen dituzten bizipen eta sentimenduen lekuko izatea, azken finean etorkizuneko "enbaxadore txikiak" izango baitira. "Hezkuntzaren helburua, ikasleak eduki teorikoz hornitzeaz gain, bizipenak eskaintzea izan beharko litzateke". Enpatia, auzolana eta elkartasuna arreta bereziarekin landu nahi ditu. Funtsean, gure aitona-amonek bizi zuten egoera lehen pertsonan ulertzeko parada dela dio: "Asko partekatzen dugu eta hemen egun urratzen dizkieten eskubide berak kendu zizkieten gutako senide askori". Hiru urtean behin hegazkina eskolako materialez, medikamentuz eta beharrezko produktuz bete eta Aste Santuko egunak bertan igarotzen dituzte, bertan bizi diren familien etxeetan. Herriaren azpiegituran nahiz eskolako zereginetan lagungarriak izan daitezkeen proiektuak egiteko asmoz hasi ziren sahararrekin elkarlanean eta oraingoz ez dirudi haria etengo denik. Zumaiarrak eta saharrak elkarlanean udaletxea pintatzen. Kanpotik barrura Egunotan, hara bidaiatu dugun bi kazetariak, medikua eta erizaina Mohamed Hamed familiaren apopilo izango gara. Gainontzeko bidaiariek ere bertako familiekin bizitzeko aukera izango dute. Goizeko ordu txikitan iritsi gara, eta ilargiaren argia inon baino biziago den arren, ilunpetan nola edo hala lortu dugu etxea aurkitzea. Lau kuxin handi dituen gela batera sartzeko esan digu Galiak, Aisharen lehengusuak. Dada (Aisharen ama eta Galiaren izeba) aldamenean du. Gaztelaniaz ez duela ulertzen esan digu eta guk hala moduzko zeinu hizkuntza batean eman dizkiogu eskerrak. Hassanieraz eskerrik asko shukram esaten dela erakutsi digu Galiak. Biharamunean gosaria zain dugu esnatu bezain laster. Jatorduak Dadaren esku daudela ikusi dugu lehen gosaritik. Indartsu gosalduta irten gara etxetik, ogia mermelada eta gurinarekin, kafeaz lagunduta. Atarian oinetakoak jantzi eta Dairara abiatu gara. Gurekin batera etorri dira Shalka, Omar eta Ali, 8, 10 eta 11 urteko lehengusuak; hiruak oinutsik. Bost minutuko ibilaldiaren ostean, gainontzeko zumaiarrekin elkartu gara. Ikurrina eta Saharako bandera handi bana daude margotuta gelaren horma nagusian eta goiburuan Darahli irakur daiteke. "Lekuz kanpo" sentitzen direla aipatu dute batzuek, 16 urte izanda zer gutxiago etxetik milaka kilometrora egonda, pentsatu dut ahopean. Familia berriarekin behar bezala ezin komunikatzeak kezkatzen ditu gehien, senide helduenek nekez baitakite gaztelaniaz eta zenbait kasutan familiako ezein kidek ez daki. Borondate onak baina, salbatuko dituela uste dute eta modu batera edo bestera, lortuko dutela etxe giroa sortzea haimapean. Gogotsu bezain adoretsu ekin diote abenturari herriko gazteek. Datozen bi egunetan ez da beste zereginik izan, arrabolak hartu eta udaletxea pintatzea baino. Lantalde txiki bat barruko sare elektrikoaz arduratu da: argia, aire egokitua eta haizea mugitzeko helize batzuk jartzekoak dira. Ibargurenek aipatutako auzolanaren bi egitasmo nagusiak dira. Baita haur eskolako patioan margotuko duten murala ere. Zortzi laguneko beste talde batek egun gehiago beharko ditu memoria historikoaren proiektua egiteko: hiru familiako hiru belaunaldi elkarrizketatuko dituzte, guztiak emakumeak. Kanpalekuen iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko erronkak biltzea du xede egitasmoak. Lehenengo belaunaldiko emakumeek batez ere sufrimendua dute aipagai; bigarrenekoek, kanpalekuetan jaioak, asumitutako errealitatean daude kateatuta; eta neska gazteenak dira borrokalarienak, aurreko belaunaldiak erreferente hartuta baina etorkizunari begira. Bitartean, zortzi bat emakume tea egiten ari dira langile guztientzat. Udalbatzako langileak dira. Zug lau auzotan banatzen da eta auzo bakoitzak ordezkari bat du udal taldean. Saharako banderari begira nagoela ezagutu dut Fatima, lehenengo auzoko arduraduna. Mohamed itzultzaileari hurbiltzeko eskatu eta banderaren esanahia azaldu didate bien artean: "Gorria isuri dugun odolaren kolorea da. Beltza historikoki jasan dugun errepresioa. Zuriak bakea esan nahi du eta berdeak itxaropena". Estu heldu nau eskutik eta tea eskaini dit. Kamera erakutsi diot, argazki bat atera ote diezaiokedan… Buruarekin baietz esan dit. Mendebaldeko Saharatik ihes egin zuen amonak ezerezetik eraiki zuen bizitoki berean hezi behar du mugikorraren menpe dagoen biloba; belaunaldi arteko talka parez pare. Salbuespen egoera mugagabea Basamortuak egunez ateratzen badu aurpegirik gogorrena, eguzkia ezkutatzen joan ahala itxuraldatu egiten da; ortzi-muga kolore morez apaintzen da, haurren joan-etorria bareagoa bihurtzen da eta izarrek zerua estaltzen dute, goitik behera eroriko bailitzan. Egunak azkar doaz aurrera eta zaila egiten da gertatzen ari denaz irakurketa sakon bat egitea. Pixkanaka ohitzen hasiak gara, ordea, egin beharrekoak zulo batean egiten, cous-cousa eta gamelua jaten, ahuntzak zaintzen, esnatu berritan asbahaljair esaten, eta umeekin zoroen modura jolasten. Bizitza sinplearen xarma, ezerezetik loratutako pozaren lekuko izatearen zortea. Testuingurua nabarmen aldatu da 40 urteotan. Bilakaera horren lekuko izan dira, besteak beste, Katixa Garcia eta Irune Bernal begiraleak. Duela hiru urte izan ziren lehen aldiz kanpalekuetan eta denbora tarte horretan, jada, azaleko aldaketa esanguratsuak antzeman dituzte. "Orain argia iristen zaie etxeetara eta hori aurrerapauso handia da. Ia gazte guztiek dute mugikorra, lehen ez bezala, eta autoak ere ugaritu egin dira". Lehenengo belaunaldiko emakumeek sufrimendua dute aipagai; bigarrenekoek, kanpalekuetan jaioak, asumitutako errealitatean daude kateatuta; eta neska gazteenak dira borrokalarienak, aurreko belaunaldiak erreferente hartuta baina etorkizunari begira Azaleko aldaketok badute, ordea, B alde bat: nazioarteko laguntza inoiz baino urriagoa da. Gatazkak, errefuxiatuak, gerrak eta laguntza beharra ugaritu egin dira mundu zabalean eta nolabait sahararren auzia ahanzturara bultzatu dute gertakari horiek; jasotzen dituzten elikagaien kopurua nabarmen jaitsi da. 2012 aurretik hilabete osorako banatzen zituzten ondasun otarrek 30 egunerako balio bazuten, orain batez beste lehen hamabi egunetarako baino ez zaie iristen familiei. Hilabeteko otordu guztiak nekez osatu ditzakeen familia berak hozkailuko janaririk preziatuenak jarri dizkigu, eguna joan eta eguna etorri. Etxeko ateak irekitzea gutxi ez balitz, bihotzak zabaldu dizkigute eta erraietan ainguratuta dituzten zaurien berri eman digute. Esaterako, exodoan erditu zuen emakume bat ezagutzeko aukera izan dugu, marokoarrak etxera sartu ahala soinean zeraman apurrarekin ihes egin behar izan zuena. Haurra bonbardaketa baten ondorioz galdu zuen, beste bi ahizpei ere seme-alabak hil zizkieten errefuxiatu aldian. Familia sahararrak jada hiru belaunaldiz osatuta daude, eta iraganaren eta etorkizunaren arteko lerroak amaiezina dirudi. Amets bakarra herriaren autodeterminazioa da. Aitzitik, Mendebaldeko Saharatik ihes egin zuen amonak ezerezetik eraiki zuen bizitoki berean hezi behar du mugikorraren eta teknologiaren menpe dagoen biloba; belaunaldi arteko talka parez pare. Hau guztia, behin-behineko bizitokia izan behar litzatekeen muturreko lurraldean. "Sahara libre" oihukatu dugu ilunabar bakoitzean. Haurren zoriona irribarrean txertatu zaigu eta tea zainetatik doakigu bederatzi egunen ostean. Duintasunez betetako herri baten parte sentitu gara basamortuaren erdian; indarrak batu ditugu bizi duten egoera horren amaiera berandu baino lehen iris dadin. Ikasleek eurek, azken eguneko hausnarketa saioan, halaxe baitzioten: haientzat sekulako esperientzia izan arren, ametsik onena bidaia ez errepikatzea izango litzatekeela, ondorengo belaunaldiei kontatu beharreko zerbait izatea behinola Sahara ez zela libre.
news
argia-cd2020432c92
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/baztangaren-matxinada-hernanin.html
Baztangaren matxinada Hernanin
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-04-29 00:00:00
Baztangaren matxinada Hernanin Hernani (Gipuzkoa), 1918ko apirila. Lasarte eta Hernani inguruetan zenbait baztanga kasu agertu zirenez, Gipuzkoako gobernadoreak hainbat neurri hartzeko agindua eman zuen: Lasarteko herritarrei, hipodromoko jockey-ei eta ukuiluetako langileei txertoa jartzea (agerraldia hipodromo inguruetan sortu omen zen) eta gaixotutako zazpi pertsona Lasartetik Hernaniko Benefizentzia Etxera eramatea, bertan hobeto isolatuta egongo zirelakoan. Gaitza ezagun zuten Hernanin eta neurriak beldurra zabaldu zuen herrian. Udalak gaixoen lekualdatzea bertan behera uzteko eskatu zien gobernadoreari eta beste agintari batzuei, baina alferrik. Bide ofizialak agortuta, hilaren 2an, herritarrek Lasarte eta Hernani arteko bideak barrikadaz josi zituzten eta Zinkoenea inguruan guardia zibilei aurre egin zieten. "Gurdiz, upelez, oholez eta bestelako tramankuluz kaleetako bidea eta Donostiako errepidea itxi zituzten" zioen El Diario Vasco k biharamunean. Benefizentzia Etxea bera erretzeko zorian ere egon omen ziren. Baina matxinoek helburua lortu zuten, gaixoak atzera Lasartera itzularazi zituzten eta hernaniarrek albistea ospatzeko herri-bazkaria egin zuten Ezkiaga pasealekuan. Bazkari hartan herriko bertsolari bat mahai gainera igo zen eta aulkian eserita, berak jarritako 24 ahapaldiko bertso-sorta bota zuen, gertatutakoaren berri xehe-xehe jasota. Bertsolari hura Matea Joxepa Zubeldia Elizegi (1867-1947) zen. Estitxu Eizagirrek Bertsoaren haria Hernanin (2014) liburu mardulean eman zigun emakumezko bertsolari ezezagun honen berri. Eta emakume horrek, Joxepa Zubeldiak eman zigun bertso sorta horretan baztangaren matxinadaren protagonista nagusien berri: emakumeak. Prentsak haien parte-hartzea iradoki zuen, barrikaden atzean "emakumeak eta haurrak jarri" zirela esanez, baina Zubeldiaren bertsoek deskribatzen dute gertakizunotan hernaniar emakumeek izandako benetako itzala:            Bidera atera giñan         emakume asko         ta allegatu baño len         egin degu alto         zibillak esan zigun         etxera biltzeko         baizutela baimena         odola ixurtzeko.           Mikela ta Axentxi         pareja fuertia!         Ayek aurren zirala         fiñ giñan jendia         zarrak eta gaztiak         nexkatx ta andriak         andre txit aberatzak         baitaere pobriak.           Lana egin genduban         kupira aundi gabe         senarrak utzirikan         bazkayrik gabe         ustuta petroleoz         ospitala iyurtzi         aguro erretzeko         kristal danak ausi.
news
argia-f354c74365a5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/juliette-bergouignan-ongi-etorria-eraikitzen.html
"Guri dagokigu jendeen ikusmoldea aldaraztea, ez delako beti irekia"
Jenofa Berhokoirigoin
2018-04-29 00:00:00
"Guri dagokigu jendeen ikusmoldea aldaraztea, ez delako beti irekia" Cimade elkarteak Baionan daukan egoitzan pasatzen ditu oren anitz Juliette Bergouignanek. Gero eta pertsona gehiagori eman behar diote arreta. Batetik, orain arteko sarbideetan Europak hesiak jarririk, Euskal Herria zeharkatzen duen sarbide berri bat garatuz doalako eta bestetik, Frantziako Gobernuak immigrazioari buruzko lege are gogorrago bat duelako aurkezturik. Guztiaz hitz egin dugu Bergouignanekin. Batera, EH Bai, Hemen, Cimade eta beste. Zergatik hainbeste militantzia? Ene bizia da, ez dut ikusten ene bizia bakarrik lanaz eta familiaz beterik. Abertzalea sentitzen naiz eta betidanik horretan ari izan naiz, bereziki goi mailako formakuntzaren arloan. Bakoitzak badu berea ekartzeko herriari, edozein herritan. Etorkinen laguntzen zabiltza. Sarbide berri bat ari da garatzen Euskal Herritik. Bai. Lehen Libiatik eta Italiatik pasatzen ziren baina geroz eta zailagoa dutenez, beste bide batzuetatik pasatzen dira; Saheleko bidea hartuz, Cadizetik edota Melillatik Europara sartuz eta hemendik pasaz. Ura bezala dira, urak beti bere bidea atzeman behar du, ez bada alde batetik, beste aldetik pasaz. Hori horrela da. Zergatik? Ezin dutelako han bizi. Agintariei berdin zaie hori. Ezin dute haien herrian bizi! Ez da baitezpada gerlagatik, izan daiteke klima aldaketagatik, bortizkeriagatik, multinazionalek haien lurrak hartu dizkietelako... Adibidez, Kongoko Errepublika Demokratikoan 22.000 hektarea lur hartu dizkiete urtegi alimale bat eraikitzeko. Zer egingo dute hor bizi direnek? Lehenik hirira doaz, hiri bazterretan bizitzen saiatzen dira eta aberatsenek edo dirua atzematen dutenek ihes egin eta honat datoz. Politika zinez bortitza dugu, desohore bat da Europarentzat. Zer lan eramaten duzue? Hego Euskal Herrikoekin ari gara bilkura batzuk egiten. Hasteko jakin behar dugu egunero zenbat pasatzen diren, nora nahi duten joan eta zein diren haien beharrak. Denek ez dutelako hemen egon nahi, batzuek Frantziara, Finlandiara, Alemaniara edota Ingalaterrara joan nahi dute. Gure bulegotik pasatzen direnak prest dira hemen gelditzeko, baina gutxiengoa dira. Egoera xeheki aztertu behar dugu horren araberan antolatzeko. Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin Elkartasun sarea zein heinekoa da? Elkartasuna bada baina ez aski. Etorkinekin izeneko kolektibo bat muntatu dugu, Cimade eta beste egitura batzuen artean. Komisio ezberdinen artean «harrera hobeagoa etorkinei» deiturikoa dugu. Ezinbestekoa zaigu, nahiz eta argi ukan harrerak publikoa izan behar lukeela. Baina, ez denez horrela, anartean, elkartasun hau sustatu behar dugu. Harrera taldeak badaude hainbat herritan, Kanbon, Bidaxunen, Donapaleun, Baionan, laster Donibane Garazin, Donibane Lohizunen... Gainera, inguruan jendea dago beste molde batzuetara laguntzeko. Harrerari irekia da hemengoa? Guri dagokigu jendeen ikusmoldea aldaraztea, ez delako beti irekia. Adibidez, oroit naiz Txetxeniako familia bat genuela aterpetzeko, lau umeekin zegoena hotel bateko gela batean baina hortik joan behar zuena. Uztaritzeko serorekin harremanetan sartu nintzen eta Urepelen etxe bat libre bazutela erran zidaten. Baigorriko apaiza ados zen baina parrokiako kontseiluari galdetu eta ezetza erantzun zuten. Herriko etxeak ere apartamentu bat zuen, merak uste zuen kontseiluak onartuko zuela, baina ez, lau alde eta zazpi kontra agertu ziren. Hori ere bada gure Euskal Herria. Alta, Urepelen kasik etxe guztietarik joan ziren Ameriketara, artzain. Ez dugu ahantzi behar nondik heldu garen. Gureak ere migratzaile ziren. Ez dira batere identifikatzen gaur egungoei, beltzak direlako, musulmanak... baina ez dut uste hori denik bakarrik. 36ko Gerlan Hegoaldetik etorritako gure anai-arrebak ere ez ziren ongi etorriak izan, alta gure hizkuntza, kultura, erlijioa zuten. Mentalitate hauek aldatu behar ditugu guztiz. Frantziako Gobernuak lege berri bat bidean du . Bortitzagoa bilakarazi nahi du legedia. Orain arte geriza eskubidea errefusatua bazitzaion, etorkinak 30 egun zituen helegitea jartzeko, orain 15 egun ukanen ditu. Orain arte 45 egun pasatzen zituzten erretentzio zentroetan. Hori ezin onartuzkoa dugu, errugabeak direlako. Zergatik kentzen diegu askatasuna! Lege honekin 135 egun pasatzen ahalko dituzte. Beste berritasun bat da pasabide baimenduetatik pasatzen ahalko direla bakarrik, zeinetan haien hatz markak hartuko dizkieten.   Fitxatzeko molde eraginkorra dute hau. Bai baina gauza da Europara sartzean pasatako lehen herrietan ezin dituztela denak hartu. Italiak ezin du, Greziak eta Espainiak ere ez.  Gainera, ekonomia ahula dute eta bizia nekea izanki etorkinean ikusten dute kopla-burukoa; eskuin muturreko emaitzak gora doaz. Elkartasuna zigortzeaz gain, papergabea salatzea galdetzen digute. Hori ere badakar legeak. Geriza eskubidea galdetutakoak erantzuna ukan bitartean CADA deitu harrera zentroetan egoten dira, diru laguntza batekin. Lege honekin erantzuna izugarri fite etorriko zaie eta gelditzen direnen izenak ematea galdetua zaie bertako langileei. Gizarte Segurantzakoek ere salatu beharko dituzte egoera irregularrak. Erabat gezurra da Macronek diolarik humanitate gehiago dakarren legea dela.
news
argia-6a7f265790ce
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/debadio-politiko-antzuak.html
Debadio politiko antzuak?
Amaia Alvarez Uria
2018-04-29 00:00:00
Debadio politiko antzuak? Itxaro Bordak argitaratu duen lehen antzezlana da Odolak su gabe diraki eta "euskal gatazka" da jorratzen duen gaia, ausarki, amorruz, zuzen, gordin. Senideen arteko loturari egiten dio erreferentzia izenbururako aukeratutako esaera zaharrak; ezagunarekiko joerari eta aldatzeko zailtasunei; maite duzunarekiko pasioari. Normalean jendeak argi hitz egiten du bere kideekin elkartzen denean kalean, tabernan edo plazan, eta horiek dira hain zuzen egileak aukeratu eta paperera ekarri dituen lekuak. Horretarako antzerkira jo du, bertsolaritzarekin batera ahozkotik, bat-batekotik, pertsonen arteko hurbiltasun eta elkarreraginetik gertuen dagoen genero literariora. Deserosoa, desatsegina da tarteka irakurketa, gai tabu edo tentuz ibiltzekoa baita hau, garai berriak izan arren gatazkak bizirik dirauelako, baina ahoan bilorik gabe mintzo dira pertsonaiak orriotan. Besteak beste hurrengoa irakur dezakegu: "Sobera mintzo zara: euskaldun zintzoak kasu egiten du zer erraten duen… nola erraten duen… norekin erraten duen… nori erraten dion…". Bere aurreko lanetan egiten duena egiten du hemen ere: euskal nortasuna, euskalduntasuna, euskal nazioa gaurko markora ekarri eta berreraiki. Baina orain arte ez bezala, diskurtso hegemonikoa(goa)k elkarren aurrean ipintzen ditu (aurreko lanetan mugatik eta periferietatik begiratu diolako euskal izaerari eta oraingoan euskal komunitateko guneetako ahotsei eman die bozgorailua). Antzerkiak horretarako aukera ederra eman dio, protagonistak elkarrekin hizketan ipintzekoa, elkarren alde eta elkarren kontra abertzale(ohi)ak, preso(ohi)ak, politikariak... Horrela, errelatoa edo kontakizuna deitzen diogun hori osatzeko egungo lanean bere alea ipini du. Izan ere, gure historia hurbilaren parte izan garenoi gure bizipenen berri eman dezagun eskatzen digu zeharka. Pertsonala politikoa delako, "diskurtso fosilduak" gainditu behar ditugulako, mikro-historiek ere osatzen dutelako errealitatea edo egia. Agian generoarekin egiten ari garen moduan nazioarekin ere geure burua deseraiki eta ikuspegi kritikoz begiratzeko aprobetxatu ahal dugu lan hau; urteetako inertziak apurtzeko; barruko "euskal" zapaltzailea eta "euskal" zapaldua hizketan jartzeko.
news
argia-9bfcfc0d9ece
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/ardoak-pestizidak-daramatzanez-ezagutu-ditzagun-haien-zaporeak.html
Ardoak pestizidak daramatzanez, ezagutu ditzagun haien zaporeak
Pello Zubiria Kamino
2018-04-29 00:00:00
Ardoak pestizidak daramatzanez, ezagutu ditzagun haien zaporeak Guztiok edan dugu noizbait, edo sarri, baso erdi bat pestizida, ekologikoak ez diren ardorik onenetan ere badaudelako. Gilles-Eric Seralini zientzialariak eta Jerome Douzelet sukaldariak dastatzaile jakitunei eta sukaldari ezagunei proposatu diete kalitate handiko ardoak probatuz daramatzaten botiken zaporeak aurkitu eta zehaztea. Liburu berri batean azaldu dute zein zapore daukaten edaten ditugun mama goxoen pozoi ohikoenek. Joan den otsaileko astearte batez bilkura bitxia egin zen Parisen Frantziako Industria Sustatzeko Elkartearen egoitzan: pestiziden dastaketa bai uretan eta bai ardotan (irakurleak horren berri izan zuen 2591 zenbakian, Jakoba Errekondoren bidez ). Erokeria dirudi jendeari pestizidak edatea proposatzea, baina zergatik ez ausartu, gure mahaietako ardorik onenek ere badaramatzatela baldin badakigu? "Benetako sukaldari bati ez litzaioke burutik pasako otordu bat eskaintzea aurrez probatu ez dituen osagaiekin", argudiatu dute. Probaketarako gonbidapenak zabaldu zituzten bi gizonetatik, bata ezaguna da Frantzian: Jerome Douzelet sukaldariak Le Mas de Rivet ostatu famatua dauka Nimes inguruetan eta aldi berean CRIIGEN Ingeniaritza Genetikoaren Ikerketa eta Informaziorako Elkarte Independentearen sortzaileetakoa da. Bigarrena, Gilles-Eric Seralini Frantziaz gain mundu osoan da famatua OGMez eta pestizidez egin dituen ikerketengatik; Monsantok eta transgenikoen propagandistek sekula ez diote barkatuko glifosatoak eragindako gaixotasunak demostratu izana. Bien sinadura darama berrikitan plazaratu den Le goût des pesticides dans le vin liburuak. Aspalditik dago zabalduta ardoak, ekoizpen prozesuan gehitzen zaizkien produktuez gain, mahastietan erabilitako botikek kutsatuta daudela. 2008an Frantzian Générations Futures elkarteak 40 ardo gorri aztertuz aurkitu zuen ekologikoak ez ziren guztiak zeudela kutsatuta, urari onartutako gehienezko tasekin alderatuta 6.000 bider gehiagoko kutsadurarekin. Gezurra dirudien arren, ardoak ez baitauka gehieneko pestizida kopuru baimendurik; urak aldiz, bai. Kimiko horiek osasunarentzako kaltegarriak direla demostratuta dago, lanerako darabiltzaten nekazarien gaixotasun profesionala aitortzeko argudiotzat onartzen hasi dira agintariak... eta ardoaren zaporean ez ote dute eduki behar eraginik? "Nik entzuna nuen –dio Douzelet sukaldariak– badirela sudur oso fineko jendeak hiri bateko kutsagarriak hautemateko gai direnak. Hortik abiatuta, Seralini profesoreak eta biok 2015ean hasi ginen pestiziden usainen inguruan". Ardoak berezko aromak dauzkanez, horiekin hasi ziren erkatzen analisietan aurkitutako pestiziden lurrinak. Aukeratu zituzten 16 ardo bio edo ekologiko eta beste hainbeste ez ekologiko, ezaugarri berdinetakoak (eskualdea, mahats mota, urtea...) tartean batzuk ospe handiko très grand cru sailkatuak. Ardoei egindako analisietan aurkitu dute ez-ekologikoetatik %89 bat eta sei arteko pestizidaz kutsatuta daudela, denetara 14 kimiko ezberdinez. Ondoren ardo guztiak probatu eta alderatzera gonbidatu dituzte aditu ezagunak, tartean gastronomiako pertsonalitate famatuak. Ariketa neketsua, pestiziden molekulak aroma fosilizatuak baizik ez direlako, lurrin naturalen oso antzekoak, ardoaren berezko lurrinak inhibitzen dituztenak. Horregatik jo dute lehen urrats gisa 14 pestizida horiek uretan nahastuta dastatzera, ea zer nolako gustua daukaten botikek. Bigarren urratsa, benetako esperimentua, iritsi da dastatzera eman dietenean kutsagaietako bakoitza ardotan aurkitutako dosietan diluitua. Liburuak hamaika fitxatan biltzen ditu pestizida bakoitzak uretan edo ardotan eragiten dituen sentsazioak. Nolako zaporea ote dauka glifosatoak? Adituek zehaztu dituzte pozoiek eragindako sentsazioak. Boscalide fungizidak ahoa pittin bat lehortzen omen du, aho-sabaian erantsita geratuko balitz bezala. Boscalide erabiltzen da mahatsaz gain marrubi, mugurdi, zainzuri eta azenarioetan ere. Folpet ek –beste fungizida bat– eragiten omen du "ahoaren lehortzea, mikaztasuna, alkohol edo botika usaina, mihiko azkura...". Eta glifosatoak? "Erre egiten du . Papilak blokeatzen dizkizu eta ahoa luzarako erretzen. Neronek [Douzelet] esperimentuan gero eta dosi handiagoetan probatu dut eta azkenean hiru asterako utzi zidan erreta ahoa. Beste pestizida batzuek buruko mina ematen dizute, edanda berehala. Badira bonboi kimiko txarren zaporea duten pestizidak ere".   Glifosatoan honetan aditua den Seralinik bereziki ohartarazten du edozein herritarrek bere jardinean bezala baratzean naharo erabiltzen duen pozoiaren beste arrisku bat, industriak aipatu nahi ez duena: "Hartzen baduzu Monsantoren Roundup , mahastietan gaur gehien erabiltzen den herbizida, %40 an glifosatoz osatuta egon arren badaramatza arsenikoa eta petrolio hondakinak ere. Arsenikoa 1974tik dago debekatuta (...) baina glifosatoak deklaratu gabe darama bere formulan. Arsenikoa da jendeak hiltzeko diseinatutako produktua, Zyklon B [Bigarren Mundu Gerran naziek Holokaustoan erabilitakoa, Bayer konpainiarena] zegoen bezala. Pestizidak gerrarako gasak ziren eta horiek gaur mahastietan erabiltzen ari dira!". Glifosatoa belar-hiltzaile bat den arren, mahastietan gero eta usuago erabilia, ardo ez ekologikoetan agertzen diren kutsagarri kimiko nagusiak fungizidak dira, mahastietako onddoak –mildiua eta beste– hiltzeko fumigazioz erabilitakoak. "Jendeak esaten du hartzitzean alkoholak desegingo dituela pestizidak, baina hori pitokeria galanta da. Botilaratuta 15-20 urte geroago ere aurki daitezke hondarrak". Baserritarrak bere mahatsondoak xomorroen, onddoen edo belar ustez txarren kontrako tratamendu kimikoz fumigatzen dituenean ez bakarrik horietatik sortuko den ardoa kutsatzen du: ikerlarion ustez botikak ardoaren osagai bihurtzen ditu, ardo gehienek daramatzaten gehigarri. Ikerlariok benetako ardoa aldarrikatzen dute esperimentuarekin. Milaka urteko historia daukan ardoa kimikak aldatu du azken hamarkadotan. Fungizida eta beste botikek mahatsak berak daramatzan lurrinak estaltzeaz gain hartzitzeko prozesua eragozten dute, mahastizaina behartuz ardoa ekoizteko legami berriak eta kimiko gehiago erabiltzera, ororen buru mahatsak dakartzan berezko ezaugarriei denborarekin ardotan adieraztea oztopatuz. Baina herritarrari ere lagundu nahi liokete. Nekazaritza industrialaren kutsaduraz milaka informazio ikusi arren, kontsumitzaileak produktu kutsatuak irensten jarraitzen du oharkabean. Dastaketa bateko protokoloa jarraiturik pestizida baten zaporea ezagutu duena, dio Seralini maisuak, "bere bizi guztian akordatuko da. Elikagaien zaporea alerta tresna baita guretzako eta ezin da gauza bat gogoratu aurretik ezagutu ez baldin bada". Tomateak, sagarrak, piperrak... zerk ez darama pozoirik gaur egun? Zer ahoratzen dugun ezagutzeko dastaketa ikastaro premian gaude. Industriak pozoien gustua disimulatzeko produktu berriak zabaldu aurretik.
news
argia-b91016d84393
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/txikipedia.html
Haurrentzako Wikipedia jaio da
Onintza Irureta Azkune
2018-04-29 00:00:00
Haurrentzako Wikipedia jaio da Wikipediaren barruan Txikipedia paratu duen munduko lehen hizkuntza da gurea. 8-13 urte arteko haur-gazteentzat Wikipediako edukiak luzeegiak eta konplexuegiak izan daitezkeenez, milaka artikulu egokitu sortzea da helburua. Testu-egile izateko gonbidapena euskaldun orori luzatu dio Euskal Wikilarien Elkarteak. Bilatu Wikipedian Charles Chaplin, eta egin gauza bera Txikipedian. Edo nahi baduzu sartu "karraskaria" Wikipedian eta ondoren Txikipedian. Bistakoa da, batean luze eta terminologiaz ondo hornituta idatzitako testua aurkituko duzu, bestean edukiak paragrafo gutxikoak dira, xume idatzita eta ikuspegi didaktikoarekin. Lehena helduentzat da eta bigarrena haur-gazteentzat. Duela urte batzuetako datua da, baina Alemaniako Klexikon wiki-entziklopediak egin zuen ikerketaren arabera, interneten sartzen ziren gaztetxoen %30ak Wikipedia erabiltzen zuen. Batez ere ikastetxean eskatutako lanak egiteko baliatzen dute entziklopedia hori. Euskarazko Wikipediak hezkuntzan arrakasta handia duela ez dago zalantzarik, irakasleek erabiltzen dute, eta nola ez, ume alemaniarrek bezalaxe hemengoek ere sarri jotzen dute Wikipediara. Haientzat egokiagoak diren edukiak sortu nahian, wikilari batzuek euskarazko Vikidia abiarazi zuten 2015ean. Vikidia ere wiki-entziklopedia da –edonork idatzi, aldatu eta osatu ditzake artikuluak– baina ez dago Wikipediaren barruan. Frantzian sortu zuten 2006an. Vikidia garatuenak frantsesez eta danieraz daude. Frantsesezko bertsiotik eduki asko hartu eta itzuli dituzte euskarara, eta egokitu euskarazko bertsiorako. Hala, euskarazko Vikidiak 1.000 artikulu inguru ditu. Orain Vikidiako edukiak Txikipediara eraman dituzte. Atzera-aurrera horiek bi galdera sortzen dizkigute: Zergatik batetik besterako aldaketa? Eta nolatan da Txikipedia Wikipedian dagoen umeentzako lehen entziklopedia? Egin al daiteke gazteentzako mundu mailako Wikipedia? Galderen erantzunak Juan Luis Biguri Vikidiaren euskarazko bertsioaren sortzaileak eta Txikipediaren bultzatzaileak eman dizkigu. Egitasmoa buruan zutenei bereziki garrantzitsua iruditu zaie umeentzako entziklopedia Wikipedian egotea, hain zuzen ere, euskaraz eduki bila hasten direnean ia erabat Wikipediara jotzen dutelako. Nekezago joko dute ezagutzen ez duten Vikidiara. Eta, zergatik ez dute gauza bera egin beste hizkuntzetan? "Gazteen heziketaz ari garenez munduan ez dago adostasunik gazteek zer eta nola ikasi behar duten. Mendebaldean gauza bat onargarria izan daiteke eta munduaren bestaldean ez". Hainbat erlijio, kultura, hizkuntza eta herrialdetako bizilagunak haur-gazteen heziketan ados jartzea ezinezkoa dela uste du Bigurik, eta ez berak bakarrik, eztabaida handia dago gai horren inguruan. Gazteei ez zaie aitortzen iritzi kritikorako ahalmen autonomorik. Arrazoi horiengatik, helduentzako Wikipedia badago ere, ez dago umeentzako Wikipedia txikitxorik. Euskal wikilariek zirrikitu teknikoak aurkitu dituzte hala izan dadin eta oraingoz behintzat Wikipedia egitasmoak ez du ezezkorik eman. Gainerako hizkuntzek Wikipediatik kanpo osatzen dituzte umeentzako entziklopediak, aipatutako Vikidia Frantzian eta Danimarkan adibidez, eta Klexikon Alemanian. Nork idatzi behar du umeentzako entziklopedian? Ikuspegi desberdinak daude. Frantziako Vikidiak adibidez balio hezitzaile handia ematen dio gazteek beraiek idazteari. Ohikoa da ikastetxeetan egindako lanak Vikidian txertatzea. Lan horiek askotan ikastetxearen webgunean edo blogetan argitaratzen dira, eta ondoren eduki horiek Vikidiara igotzen dituzte. Alemanian bestelako ustea dute. Haien iritziz, gazteak ez dira pertsona egokienak edukiak egiteko, adituak baizik. Ia erabat helduek idatzitako artikuluek osatzen dute Klexikon. Biguriren nahia Txikipedia bietatik elikatzea da. Oraingoz ia eduki guztia helduek egina da, salbu eta Ordiziako Jakintza Ikastolako Batxilergoko ikasle batzuen edukiak. Biguriren iritziz, "ez dut uste ikastetxeetan proiektuak lantzen dituztenei Txikipediako atea itxi behar zaienik. Beste kontu bat da testuek bai kalitate testuala, bai zientifikoa izan behar dutela, eta horretarako irakasleen kontrola behar dutela". Bada beste arrazoi bat Txikipedian egoteko: ikasleentzat zirraragarria da haien lanak eskolako webgunean ikusteaz gain Wikipedian daudela jabetzea, edonoren eskura, eta edonork zuzentzeko, osatzeko eta hobetzeko aukeran. Euskara-gaitasun kaxkarra, kezka Txikipedia, adinera egokitutako egitasmoa da. Adinaz gaindiko faktore batek kezkatzen du Biguri, gaztetxoen euskara gaitasunak, hain zuzen. Batetik, Siadecok Elkarrentzat kultur kontsumo ohiturez egindako ikerketa ekarri du gogora. Euskarazkoak ez kontsumitzeko arrazoietako bat ulermen arazoak izatea da. "Eskoletan erabiltzen diren testu askoren prosak ulermen arazoak eragin ditzake, esaldi konplexuegiak, testu terminologizatuak... Hemen oso gutxi aztertu dugun eremua da. Horri lotzen badiogu ikerketak dioena, uste dut zer pentsatua eman behar ligukeela". Bestetik, lehen hizkuntza euskara ez duen haur talde gero eta handiagoa du gogoan. Bigurik dio lehen hizkuntza euskara ez izanda hizkuntza gaitasun ahulagoa izateko aukera asko dituztela. Ezaugarri linguistiko horiek dituzten eta izango dituzten gazteentzat nolako edukiak landu behar diren hausnarketa egin behar dela iritzi dio Txikipediaren bultzatzailea den Bigurik.
news
argia-625f04247e6d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/bullying-kasuak-erdira-jaitsi-dira-kiva-programa-martxan-duten-ikastoletan.html
Bullying kasuak erdira jaitsi dira KiVa programa martxan duten ikastoletan
Mikel Garcia Idiakez
2018-04-17 00:00:00
Bullying kasuak erdira jaitsi dira KiVa programa martxan duten ikastoletan Biktima eta lekukoak ahalduntzen dituen KiVa metodo finlandiarra lantzen hasi ziren 53 ikastolen lehenengo ebaluazioa egin dute: eskola-jazarpena %47,3 jaistea lortu dute. Arreta biktiman edota erasotzailean bakarrik jarri beharrean, talde osoa gidatzen duten arauak aldatzea da metodoaren oinarria. Zuhurtziaz mintzo dira ikastolak: batetik, oraindik %10 ingurukoa delako jazarpena; bestetik, datu gehiago etorriko direlako ikasturte honen amaieran: 53 ikastetxe horiei iaz gehitu zitzaizkien hamarren emaitzak ere hartuko dituzte kontuan, guztira 63 ikastetxe eta 22.000 ikasle. Begirada aldatu duten ikasle-irakasleak Abiapuntua oso ona da eta aldaketa nabaritzen dutela diote ikastolek . "Irakasleok, alde batetik, beste betaurreko batzuekin ikusten dugu gaia, formazioa jaso dugulako. Bestetik, ikasleen artean ere aldaketa handia ematen ari da. Hainbat kasutan lortzen ari gara eurak etortzea gatazka bat dagoenean, zuzenean irakasleengana, tutoreengana edo KiVa Taldekoengana, edo posta elektroniko bidez gatazkaren berri emanez. Hori da lortu nahi duguna, ikasleak aldatzea, eurek laguntzea eta ezin badute laguntza bila etortzea". Izan ere, ikasleak nolabait ahaldundu egin dira eskola-jazarpenaren aurka. Prebentzioa eta esku-hartzea dira gako nagusiak, eta gertatzen denaren lekuko direnengan edota barre egiten dutenengan eragitea. Sarri, "isiltasunaren legeak" edo erasotzailearenganako konplizitate horrek ahalbidetzen baitu jazarpena. Lekukoen jarrera aldatzea da asmoa, taldeak duen indarraz jabetzea, eta biktimarekin enpatizatuz, hura lagunduz eta defendatuz, erasotzaileari aurre egitea. Gurasoen esku-hartzea da orain garatu nahi duten puntu nagusietakoa. Harreman arazo ala bullying? "Zailtasuna dago batzuetan noiz den harreman arazo bat eta noiz dagoen bullyinga. Kasu batzuk oso argiak dira, baina beste batzuk lausoak. Hala ere, zalantzaren aurrean, esku hartu egiten da. Esku-hartzea konpromiso bat hartzea delako", diote. KiVa DBHn ere… eta Haur Hezkuntzan? Lehen Hezkuntzatik DBHra salto egitea da hurrengo erronka. Aurten 30 ikastolatan esperimentatzen aritu dira DBH1en. Datorren ikasturtean, ikastola guztietan egingo da DBH1en, eta 2019rako prest izango dituzte DBH2 eta DBH3rako materialak. "Akaso, Haur Hezkuntzan ere planteatu beharko dugun erronka da, KiVaren jazarpena", azaldu dute. Gaiaz gehiago: Johanna Alanen: "Bullyinga denen ardura dela ulertzen dute ikasleek"
news
argia-e5c65a2d3169
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/samir-amin-hil-da-periferiako-herrien-deskonexioaren-teorikoa.html
Samir Amin hil da, periferiako herrien deskonexioaren teorikoa
Pello Zubiria Kamino
2018-09-16 00:00:00
Samir Amin hil da, periferiako herrien deskonexioaren teorikoa Samir Amin itzali berri da Parisen 87 urterekin. Kairon 1931n sortua, gaztetatik burututako lan teoriko, akademiko eta ekintzaileetan jarrai daitezke munduaren XX. mendearen bigarren erdiko garapen kontraesankorraren arrastoak. Hirugarren Munduko herrien askapen mugimenduak sustatu zituen, aske bizirauteko deskonexioa proposatu zien inperialismo kapitalistarekiko, eta azken hamarkadotan mugimendu altermundialisten pentsalari nagusietako bat izan da. Joan den maiatzean Pekinen zen Iraunkortasunerako Unibertsitate Globalean hitzaldia ematen eta internetez ikus-entzun daiteke orduan Sit Tsui Jade irakasleak maisuari egindako ordubeteko elkarrizketa, zigarroa eskuan, begirada erne eta mintzoa zorrotz. Hamazazpi urterekin Egiptoko alderdi komunista txiki batean engaiatu zen Samir Aminek borrokalari jarraitu du ondo aguretuta hil arte. Ama Kairoko aristokrazia koptoko emakumea, aita irakasle frantsesa, Parisera joanda ikasi zituen politika, estatistika eta ekonomia. II. Mundu Gerra ostean, Ekialde Hurbileko komunista eta ezkertiar guztiak bezala Amin ere Bandungek inarrosi zuen. Mugimendu antikolonialistak beroenean zeudenean, 1955ean, Bandungeko Batzarra burutu zuten Asia eta Afrikako 29 herrialde ez lerrokatuk Indonesiako Bandung hirian. Bertan ziren lider independentista garrantzitsuenak: Indiako Nerhu, Egiptoko Nasser, Indonesiako Sukarno, eta abar. " Bandungen –aitortuko zuen beranduago Aminek– erradikalizatu zen Nasser. Ulertu zuen ameskeria zela Egipto atzerriko kapitalek garatuko zutela sinestea. Uste dut Zou Enlai txinatarrak zerikusi handia izan zuela haren heziketa politikoan. Aro berri bat ireki zuen Bandungek. Gure ustez ezinezkoa zena posible zela agertu baitzen: burgesia nazionalek gidatutako erregimen nazionalista haiek, klase herrikoiek gidatuak ez izan arren, klase herrikoien kontra ez egonik, izan zitezkeela anti-inperialistak eta iraultzaileak. Espero ez genuen arren, ausartu egin ziren". Egia da hogei urteren buruan arnasa galdu zuela Bandungek, baina askoz beranduago ere haren izpirituak bizirik jarraitu du Samir Aminen ustean, bai Hego Amerikak ezagutu dituen aginte aurrerazale eta anti-inperialistetan, eta baita mundu osoan gorpuztu diren mugimendu altermundialistetan ere. Jean-Marie Harribey ekonomialariak azpimarratu duenez, Samir Amin lehen mailako teorikoa izan da. Zango bat Europan eta bestea periferiako herrialdeetan, egokitu zitzaion bizitzea frantsesez Trente Glorieuses deitzen dituzten hiru hamarkada loriatsuetan, herrialde garatuek 1946tik 1975era –II. Mundu Gerratik petrolioaren lehen krisi handira bitartean– gozatu zuten hazkunde ekonomiko eta bizi-baldintzen hobekuntza aldian. Intelektual marxista sorta batek hartu zuen 60ko hamarkadan inperialismoaren analisiak berritzeko lana. Argitara atera zuten kolonietan eta teorian independenteak ziren erregimen neokolonial askotan Mendebaldeko potentziek lehengaiak nola lapurtzen zituzten, mundu mailako espezializazio katean bazterrera kondenatuz. Samir Aminek, marxismoaz gain estrukturalismoaren iturritik edana izaki, fintasun bereziz heldu zion mundu mailako ondasun metaketaren teoria osatzeko lanari. Emaitza liburu mitiko batean bilduko zuen 1973an: Berdintasunik gabeko garapena ( Le dévelopement inegal ). Aminek ukatzen zuen herrialde txiroen arazoa zenik "garapenean atzeratuta" egotea; aldiz, erakutsi zuen herrialde ez-garatu deituak ez direla inolaz ere Hirugarren Mundu –orduan deitzen zitzaien bezala– baizik eta mundu mailako truke sistema berdintasunik gabean zeuzkatela lotuta, bortxaz integratuak zentroa eta periferia ondo banatuta dauzkan kapitalismo global batean. Orduan bezala gaur kapitala lehengai merkeez gain eskulan merke bila dabil eta horrek hedatzen du munduko periferiak nozitzea azpigarapena, garapen orokorrean itsatsia. "Bestela esanda –dio Harribeyk– Aminek eguneratu eta zehaztu egin zuen Marxek definitutako balioaren legea ". Langileei eta herriei deika 1985ean argitara eman zuen Aminek La déconnexion , aitzindaria hau ere. Justu orduan ari ziren Nazioarteko Diru Funtsa, Munduko Bankua eta AEBetako Ogasuna planeta osoan ordena neoliberala indartzen Washingtongo Kontsentsua deituaren bidez. Deskonexioaren tesiarekin Aminek herrialde periferikoei proposatzen zien beren ondasunen barruko metaketa kontrolatzea, era burujabeago batean garatu ahal izateko, zentroko eliteen eta multinazionalen interes ekonomiko, sozial eta kulturalen mende geratu gabe. Herrialdeok beren produkzio indarrak bideratu behar lituzkete bertako herritarrentzako kontsumo gaiak ekoiztera, ez zentroko jendeentzako edo haien eskumakilak diren periferiako eliteentzako osagaiak eta luxuzko trasteak. Javier Suazo hondurastarrak Alai hedabidean nabarmendu du Aminen deskonexio proposamenaren arrasto asko geratu direla batik bat Hego Amerikan:  UNASUR, ALBA eta CELAC erakundeak, BRICS kontzeptua bera (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako taldea), Brasilgo Lula presidentearekin elkarlanean bultzatu zuen Munduko Gizarte Foroa... Hil baino egun gutxi lehenago, Afrique-Asie hedabide historikoan plazaratu zuen bere testamentu politikoa: " L'indispensable reconstruction de l'Internationale des travailleurs et des peuples ". Azken 30 urteotan kapitalismo globalak eragindako erabateko zentralizazioa deskribatzetik hasten da, azalduz nola oligarkiak soka motzetik lotu dituen alderdi tradizionalak oro, eskuineko zein ezkerreko, sindikatuak eta gizarte zibilaren erakundeak. "Oligarkiak aginte politiko osoa dauka eskuetan eta menderatu duten eliza mediatikoak herritarren iritziak despolitizatzeko beharrezko den desinformazioa ekoizten du". Indar herrikoiek sistemari ematen dizkioten erantzunen ahuleziak zehaztasunez zerrendatu ostean, Aminek ezkertiarren Internazional berri baten beharra aldarrikatu du: "Krisi sistemikoan sartuta dagoen kapitalismotik irten behar dugu, ez kapitalismoaren krisitik irteten saiatu". Berdin Europan ere: " Europa aleman hau oligarkia germanikoaren morroi dago, Greziaren krisian ikusi dugunez. Europa hau ez da bideragarria eta bere barnetik lehertzea dagoenekoz abian da". Samir Aminek agurrean bi etorkizun posible erakusten ditu. Bat, zibilizazioaren gainbehera gauzei bere horretan jarraitzen utziz gero. "Aginteek daukaten suntsitze ahalmenaz (suntsiketa ekologikoa eta militarra) gerta liteke Marxek aipatu zuena gertatzea, borrokek suntsitzea alde guztiak, arriskua benetakoa da. Bigarren aukerak langileen eta herrien fronte internazionalista baten esku hartze argi eta antolatua eskatzen du. (...) Burkideok, deika dauzkagu Historia eta gure kontzientzia. Edo elkartuta antolatzen dugu Iraultza Sozialista Berria (zaharraren lezioak ondo ikasita) edo bizi beharko dugu kaosa, basakeria, egoismoa eta gure Lurraren suntsiketa ikusiko ditugun mundu batean".
news
argia-d7139e1bf389
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/gorria-maite-zuen-amatxinoa.html
Gorria maite zuen amatxinoa
Xabier Etxaniz Erle
2018-09-16 00:00:00
Gorria maite zuen amatxinoa Uda iristearekin batera lau ipuin berri aurkeztu zituzten Ikas-eko lagunek. Lauak itzulpenak eta estilo ezberdinekoak; horietako bat, Gorri! , esku artean dugun lana eta, oker ez banago, Alice Brière-Haquet idazle oparoaren aurreneko liburua euskaraz. Liburuaren azala gorria dugu, nola ez, zuri-beltzarekin jolastuz irudi bat (basoa eta bidea?) eta egileen izenak eta izenburua azaltzen dira bertan. Gorria dugu, bai, liburu honetako elementu garrantzitsua… beno, gorria maitea duen amatxino batekin hasten da dena: "Behin bazen, nonbait, han, oihan xoko batean, amatxino bat oso pollita. Matelak zituen gorriak, arrasondo bikain gorria, zaia xarmagarri gorria, bai eta erridau gorriak. Hori zuen kolore maiteena". Horrelaxe ekiten diote egileek ipuin honen kontakizunari. Eta azalean gertatzen den bezala barnean ere zuria, beltza eta gorria erabiliz eginiko ilustrazioak ageri zaizkigu. Irudiak trazu handiz eginak dira, berriak, indartsuak… baina baita duela mende bateko euskal ilustratzaileek (Txikik eta) eginikoen aire bat dutenak. Amonak alabasoari, bilobari, egiten dizkio hainbat opari, bi galtzerdi belarrean jostatzeko, bi eskularru onddoen biltzeko, lepoko luze-luzea hotz handietako berezia, belarri kukutzeko bat eta, azkenik, txano gorri bat. Baina denetan amonaren opariak arazoak sortarazten dizkio bilobari (bareek uste dute galtzerdiak marrubiak direla, untxiek eskularruak sagartzat hartzen dituzte, zezena lepokoaren atzetik joaten da, okilo batek mokokatzen dizkio belarriak har baten bila, erresiñolak txanoa mokokatzen du gerezia zelakoan…) azkenik, amatxinok burutik oinetarainoko jantzi gorria egiten dio, oinetako gorriak, galtza gorriak, jaka gorria… eta txano gorria. Eta biloba oihanean barneratzen da: "Horrekin ez zaizu, sinets nazazu, deus gertatzen ahalko". Eta amonaren hitz horiekin amaitzen da ipuina, edo ipuinaren testua, izan ere, irudian basoan barrena ageri zaigu neskatoa, txano gorriz, eta zuhaitzen artean otsoa du begira… Istorio sinplea, zubereraz ere Ikas-en webgunetik entzun daitekeena, eta hegoaldekoontzat zenbait hitz zailtxo gerta badaitezke ere, erraz jarraitzen dena eta jolaserako aukera paregabea ematen duena (eta hori guztia bost eurotan). n
news
argia-5f59c7978939
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/jordi-borras.html
"Eskuin muturreko gaietan murgildu nintzen jakinik jo-puntutzat hartuko nindutela"
Saioa Baleztena
2018-09-16 00:00:00
"Eskuin muturreko gaietan murgildu nintzen jakinik jo-puntutzat hartuko nindutela" Argazki makina lepoan zintzilik, manifestazio eta protesta sozialak lantoki bilakatu ditu Jordi Borràs (Bartzelona, 1981) argazkilari eta kazetariak. Massana Eskolan ilustrazio ikasketak egitean murgildu zen "nahi gabe" argazkilaritzan eta, orduz geroztik, hainbat hedabidetan egin du lan. Eskuin muturreko mugimenduen zokorik ilunenak azaleratzeko egin duen lanarengatik, mehatxuen helburu ere bilakatu da azken urteotan. Uztailaren 16an, hain zuzen, argazkilari gisa bizitako ikasturterik frenetikoena amaitzear zela, Espainiako Poliziaren inspektore batek eraso egin zion kalean. Ezustekoa pasatuta, zer moduz zaude? Amorratuta eta oso haserre. Fisikoki hobeto, baina, azken hilabetean lan egin ezinik egon naiz saihetsetan jasotako kolpeen ondorioz min handia nuelako. Arnasteko eta lo egiteko arazoak nituen eta ez da xamurra izan. Ondorio fisikoez harago, nola eragin dizu erasoak? Uztailekoa ezustekorik eskandalagarriena izan arren, zoritxarrez, ez da lehendabiziko erasoa. Urrian, besteak beste, bost urte beteko dira herio mehatxuak jaso izanagatik lehen salaketa jarri nuenetik. Eta azken bost urte hauetan, guztira dozena bat salaketa jarri ditut gai berarengatik. Erasoaren biharamunean jakin zenuen erasotzailea ez zela polizia agente soila, Espainiako Poliziako Informazio Brigadako inspektorea baizik. "Viva Franco, viva España" oihukatu zuen polizia espainolista eta frankista batek, inpunitate osoz eta ondoriorik gabe eraso egin didala ikusteak amorratzen nau gehien. Izan ere, lehen aldiz konturatu naiz eskuin muturreko manifestaldiak jarraituz, nire lana askatasunez egiteko zailtasunen gainetik, aurrerantzean kaletik lasai joatea ere ezinezkoa izango zaidala. Zertan da orain zure auzia? Salaketa jarri nuen. baina oraingoz ezin dugu ezer berririk aurreratu. Ikasturtea hastear da eta seguruenik udazkenean jakingo dugu zerbait. Prozesu judizialetan murgilduta izan den orok badaki bide luzea eta nekagarria izango dela. Argazkia: Oriol Clavera Oraingoz erasotzailea normaltasunez ari da lanean. Justiziarik egingo al da? Erne eta kezkatuta nago, erasotzailearen kontrako neurririk hartu ez delako. Batez ere, gertakariak alderantziz gertatu izan balira eta, nik kalez jantzitako polizia agente bati eraso egin banio, biharamunean atxilotuko nindutela badakidalako. Beraz, beste behin berresten da lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak daudela. Hori horrela, prozesu judizialean ez dut itxaropen handirik. Zaila zait Zuzenbide Estatu honetan sinestea. Baina, noski, bukaeraraino borrokatuko naiz justizia egiteko. Hamabi ordutan zure defentsa ordaintzeko beharrezkoak ziren 12.000 euroak bildu zituen Solidaritzem-nos! Prou impunitat! egitasmoak. Zer deritzozu jaso duzun erantzuna? Ikaragarria izan da Katalunian azken urteetan loratu den elkartasun sentimendu erraldoia azalean bizitzea. Atzo, adibidez, argitaratu dudan azken liburua aurkezteko ekitaldi batera bidean nintzela, Kataluniako herri galdu batetako gasolindegian gelditu nintzen. Hango langileak ezagutu ninduen eta, ni nintzela egiaztatu ondoren, kartera atera zuen eta epaiketarako erresistentzia kutxan parte hartzeko dirua ematen hasi zitzaidan. Tira, hau adibide bat besterik ez da, baina ikaragarria da: egunero daude afari horiak presoen alde, jendeak dirua bidaltzen du epaiketei aurre egiteko. Herritarrak posible dutena eta gehiago egiten ari dira. Udan lazo horien kontrako eraso faxistak areagotu dira. Zenbateraino dago gizartea beldurtuta? Beldurra sustatu nahi dute, baina, lortzen ari direna da denok haginak zorroztea. Zalantzarik gabe, independentismoaren kontra jaio diren sektore intrantsigente horiek kontrako erreakzioa eragiten ari dira eta ondorioz, jendea gero eta harroago ateratzen da kalera. Haien arrakastarik handiena da Estatuak gure borroka maila sinbolikora eramatea. Baina, borroka sinbolikoa aski al da Kataluniaren askatasun irrika asetzeko? Inola ere ez. Independentismoak funtsezkoa du orain aurrera egitea, izan ere, epe labur eta ertaineko helbururik ez dugun bitartean, borroka sinbolikoan harrapatuta egongo gara. Zentzu horretan, Quim Torrak pasa den astean marraztu zuen etorkizuneko balizko agertokiak ez du laguntzen. Premiazkoa da zertan hutsegin eta zertan asmatu dugun ikusi eta gure helburua asetzeko estrategia bat diseinatzea. Zein izan beharko litzateke abiapuntua? Urriaren 1eko ereduari eustea: erreferenduma egin genuen ideologia askotako herritarrak, elkarren arteko desberdintasunak alde batera utzi, eta helburu beraren alde borrokatu ginelako. Hori izan zen arrakasta. Beraz, aurrerantzean ere, ezinbestekoa izango da jarrera eraikitzailea izatea. Laster urtea beteko da lehen ordezkariak espetxeratu zituztenetik. Zein da normaltasunera itzultzeko gakoa? Ez dugu normaltasunik berreskuratuko. Espainiako Estatuak beharrezko duen guztia egingo du erasotzat hartzen duen ekintza orori aurre egiteko. Beraz, sezesio saiakera bakoitzari eskura dituen baliabide guztiekin erantzungo dio, legezkoa ala legez kanpokoa izan. Funtsean, herrialde demokratikoa izango bagina, Eskozian edo Quebecen egin duten erreferenduma egingo genukeen hasiera-hasieratik. Baina ez, hemen galdeketa bat antolatu eta Poliziak biztanleria zibilari eraso egiten dio. Aurrekaririk gabeko basakeria bizi dugu. Zer behar du independentismoak orain? Mugimendu independentistak bere gain hartu behar du aurrean etsai boteretsua duela. Historiak erakutsi du Estatua iristen ez den tokietara heldu dela gerra zikina, eta Katalunian berriki berretsi da: eraso informatikoak iruzurrez erabili zituzten erreferenduma eteteko, webguneak itxi zituzten agindu judizialik gabe, irailaren 20an CUPen egoitzan sartzen saiatu ziren agindu judizialik gabe… Beraz, absurdoa da futbol partidu hau jokatzea, jakinik jokozainak kontrako ekipoaren karneta duela. Nekerik sumatzen duzu Kataluniako herritarren artean? Nekea bai, baina, prozesu independentista souffléa izango zela espero zutenek ezustekoa hartu dute. Kataluniako gizartea mobilizatuta dago 2009ko irailean Arenys de Munt-en galdeketak abiatu zirenetik eta, bederatzi urte luze hauetan mobilizazioak ez du etenik izan. Egia da udazkena inflexio puntua izan zela, baina emaitzei erreparatu besterik ez da egin behar ikusteko independentismoa gora doala. Ezin dugu ahaztu boto independentista gehiago izan zela abenduaren 21eko hauteskunde inposatuetan, erreferendumean baino. Bi hilabete luzetan independentismoak %5 egin zuen gora. Hori asko da. Hauteskundeak antolatuko balira, gorakada hori mantenduko litzateke? Noski. Eta ez hori bakarrik, Ciutadansek diputatuak galduko lituzke. Azken hilabeteetan VOXek ordezkatzen duen eskuin muturrarekin lehian ibili izanagatik, bozka eman zien jende askori begiak ireki zaizkie. Solastu gaitezen zure ogibideaz. Noiz eta nola erabaki zenuen eskuin muturreko mugimenduetan espezializatzea? Egia esan, ez zen erabaki zehatza izan. Ofizioz ilustratzailea naiz eta, nahi gabe, egun batean konturatu nintzen nire ogibidea hau zela. Ez da lan erraza, fotokazetaritza gaizki ikusia dago ekonomikoki. Niretzat errentagarriagoa litzateke ezkontzetan argazkiak egitea, lan hori egiten duten argazkilariekiko errespetu osoz, baina horrek ez nau betetzen. Argazkilaritza ulertzen dut gizartea aldatzeko lanabes bezala.  Argazkia: Oriol Clavera Ibilbide luze horretan jaso dituzun mehatxu eta erasoen gainetik, non dago adierazpen askatasunaren bermea? Eskuin muturreko gaietan murgildu nintzen jakinik konplexua izango zela, eta jo-puntutzat hartuko nindutela. Horrek ez du esan nahi, berez, adierazpen askatasuna zaintzen ei duen herrialde honetan, arazoak izatea, zeinekin eta konstituzionalista omen diren horiekin lan egitean. Baina, hein batean hori da ordaindu beharreko prezioa. Iaz bizpahiru ekitaldiko argazkiak egin nituen. Adibidez, horietako batean, sei orduz egon behar izan nuen etxebizitza bateko leihotik lan egiten, kalera ezin nintzelako jaitsi, eta beste bietan salaketa pare bat jarri behar izan nuen jasotako erasoengatik. Kazetaritza eta argazkilaritza ezinbestekoak dira errelatoaren eraikuntzan. Zer deritzozu hedabideek Kataluniako prozesuaz egin duten kontakizunaz? Desberdintasun handia egon da Espainiako eta Kataluniako irrati eta telebista publikoen artean. Batzuen eta besteen mahai-inguruei erreparatu besterik ez da egin behar. TV3n, adibidez, independentistak, federalistak eta espainolista setatsuak agertzen dira eztabaidetan. TVE1 jarrita, aldiz, kolore guztietako espainolistek parte hartzen dute, baina hori bai, sekula ez duzu independentistarik ikusiko. Zentzu horretan, datuek erakusten dute erabat faltsua dela Espainian TV3ri egotzi nahi izan dioten aniztasun gabezia. Baina tira, urtarrilean ikusi nuenean, orduko Espainiako presidente Mariano Rajoyk Espainiako hedabideen lana txalotu zuela, ikaratu nintzen. Kataluniako hedabideek neutralki jorratu dute gaia, zure ustez? Seguruenik, bertako hedabideek ere gabeziaren bat izango dute ikuspegi kritikoari dagokionez, noski. Baina informazioaren hedapenari dagokionez, ez dago alderik. Espainiako hedabideak etengabe ari dira, polizia indarren babesari esker, gezurrak publikatzen eta gertakariak isilarazten. Lotsagarria da. Gainera, sintomatikoa iruditzen zait sortu nahi duten kontakizuna: independentismoan sekula egon ez den indarkeria eta banaketa soziala irudikatu nahi dituzte. Aldiz, gu gara indarkeria eta errepresioa sufritzen ditugunak, Estatuko egiturek erabat isilarazi, erdeinatu eta zigortzen gaituzten bitartean. Kataluniak aurrekaririk gabeko egunak bizitu ditu eta zuk Dies que duraràn anys liburuan bildu dituzu. Bai, horregatik, seguruenik, liburuak sekulako arrakasta izan du. Katalanez dagoeneko seigarren edizioa argitaratu dugu eta gazteleraz eta ingelesez edizio bana. Lan gehien egin dudan ikasturtea izan dela. Normalean urteko 60.000 argazki ateratzen ditut. Bada, iaz 140.000 egin nituen. Egunero zen historikoa eta histerikoa. Hiru edo lau hitzordu zeuden eguneko. Quim Torra presidenteak ale bat oparitu zion Felipe VI erregeari. Interesgarria izan zen, batez ere, dedikatzeko aukera eman zidatelako. Ez pentsa, presio handia sumatu nuen, baina erabaki nuen onena zela aukera hori erabiltzea urriaren 1ean sufritutakoa eta Kataluniak duen askatasun irrika helarazteko. Oker ez banaiz, erregeari ematen zaizkion liburu denak bezala, nazio-ondasunetan egongo da nirea… [irri eginez amaitu du].
news
argia-28c5ae9b561b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/jakoba-errekondo.html
"Gure baratzetik eta landareetatik ikasteko tresna da Landareak Lantzen agenda"
Garazi Zabaleta
2018-09-16 00:00:00
"Gure baratzetik eta landareetatik ikasteko tresna da Landareak Lantzen agenda" Extra, extra! Kalean da dagoeneko Landareak Lantzen bigarren zenbakia, 2019 urterako agenda-liburua! Udan ez da oporrik izan Jakoba Errekondo eta Antton Olariagarentzat, eta kurtso berriaren hasierarekin batera hemen da beste behin ARGIArekin elkarlanean egindako uzta: Errekondoren azalpenekin eta Olariagaren marrazkiekin osatutako agenda-liburua. Lana ezin da amaitutzat eman, dena den: erabiltzailearen nota, zita eta argibideekin osatua izateko pentsatua dago Landareak Lantzen . Agenda-liburuaren bigarren zenbakia duzue aurtengoa. Iazkoa ezagutu ez zutenentzat, zer da zehazki Landareak Lantzen ? Urtean zehar lurrarekin eta landareekin egiten diren lanak biltzeko agenda-liburua da. Urte sasoi eta hilabete bakoitzean egin beharreko lanak azaltzen dira bertan, lau alorretan banatuta: baratzea, basoa, fruitu-arbolak eta lorategia. Horrez gain, ilargiaren zikloak ere azaltzen dira liburuan. Bestetik, guk egiten ditugun lanak apuntatzeko aukera ere ematen du liburuak, agenda arrunt baten moduan. Ale berri honek badakar nobedade edo berezitasunik? Lanen agenda urtero gutxi gora behera tankerakoa da, lanak ez baitira aldatzen, baina aurten lan eta informazio osagarri batzuk gehitu dizkiogu. Gainera, bigarren ale honi berezitasun bat eman diogu: baratzeko lan tresnei eskaini diogu agenda. Mozteko zein tresna erabiltzen diren azaltzen da, biltzeko zein ontzi edo saski mota dauden, lurra lantzeko tresna ezberdinak… Lanabes horiei toki bakoitzean ematen zaizkien izenak ere bildu ditugu, hiztegi aberats hori jasotzeko. Zein gauza apuntatzen dira baratzeko agenda batean? Zer du Errekondok idatzia bere Landareak Lantzen en? Bada, hazi bat nondik ekarri duzun, noiz erein edo landatzen duzun, ongarria noiz egiten duzun… Garai jakin batean arazo larriren bat ikusiz gero, adibidez, apuntatu. Eta gero atzerako ibilbidea egin: ikusi sail hori noiz ongarritu zenuen, zein ongarrirekin, zein landare zituen inguruan edo zer egon zen lehenago bertan landatua. Agendak lanak hobetzen laguntzen du, eta arazoak zergatik izan daitezkeen ulertzen. Azkenean, gure baratzetik eta landareetatik ikasteko tresna da agenda. Aurten ere fidel mantendu zaizu Antton Olariaga, bere marrazkiekin lana osatuz. Ongi moldatzen zarete lanean… Bai, bai, oso ongi moldatzen gara, eta nik asko ikasten dut berarekin. Askotan, marrazki batekin oso ongi azaltzen du nik idatziz azaltzeko bi orri beharko nituzkeen zerbait. Bera ere gustora dagoela ematen du, beti galdezka ari da, izenen inguruan, eta kasu honetan, tresnen inguruan: zertarako erabiltzen diren, nola, eta zein gorpuzkerarekin. Luxua da Olariaga ondoan izatea elkarlanerako beti prest. Biok usurbildarrak izanik, gainera, ederki ulertzen gara… (kar, kar).   Landareak Lantzen 2019 agenda-liburua erosteko aukera errazena hemen: ARGIAren Azokan .
news
argia-7c804360aefc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/nerea-redondo-euskaraz-bizi-den-egiatarra.html
"Edonork ez dauka gaitasunik edo baliabiderik hizkuntza-gatazka bati aurre egiteko"
Onintza Irureta Azkune
2018-09-16 00:00:00
"Edonork ez dauka gaitasunik edo baliabiderik hizkuntza-gatazka bati aurre egiteko" Nerea Redondo eta bere ahizparen asmoa triatloia probatzea zen. Hala gerturatu ziren ekainaren 23an Donostiako X. Emakumezkoen Triatloira. Epailearen hitzek harri eta zur utzi zituen: "Por mis cojones que vais a hablar en castellano". Alegia, bi ahizpen artean euskaraz egitea debekatu ziela. Esaldi horretaz harago luzatu zen hizkuntza eskubide urraketa salatu zuten ahizpek orduan. Orain patxadaz hitz egin dugu Nerea Redondorekin gertaera hartaz, Euskaraldiaren hazia izan zen Egia auzoko esperientziaz eta Euskaraldiaz. Erakundeetara eta Donostiako Udalera bidalitako kexa-idatzia whatsappez eta sare sozialetan di-da batean zabaldu zen. Hor azaldu zuten ahizpek epailearekin izan zuten gatazka zehatz-mehatz.   Kontakizuna irakurrita, antzeman zitekeen ahizpek bazutela esperientzia halako hizkuntza egoerak kudeatzen, bazutela diskurtso eta jarrera jakin bat. Nerea Redondok baieztatu zuen gure ustea ekainean hitz egin genuenean: "Gu horrela bizi gara. Duela bi urte Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimenean parte hartu genuen. TELP ikastaroa egin genuen eta tresnak eman zizkiguten euskaraz bizitzeko ahaleginean moldatzeko".    Hiru hilabete igarota, zer gorputzaldi gelditu zaizu? Gazi-gozoa. Donostian, 2018an, horrelako gauza bat gertatzea, hau da, gure artean euskaraz hitz egitea debekatzea latza da. Atlético San Sebastián talde antolatzaileak onartu zuen gertatutakoa eta esan zuen hori ezin zela gertatu berriro. Aldiz, Gipuzkoako Triatloi Federazioko epaile taldeari ez genion antzeman gertatutakoa onartzeko eta epaile horrekiko neurriak hartzeko asmorik. Bestetik, ordea, egin behar genuena egin genuen, salatu, eta babes handia izan genuen. Salatuko zenutela argi zeneukaten? Triatloia bukatu genuenean eta jabetu ginenean deskalifikatuta [txartel gorria atera zion epaileak errespetu faltagatik] nengoela ahizpari esan nion:  "Itziar, gogoratzen zara nola duela hilabete batzuk futbol partida batean arbitroarekin horrelako zerbait gertatu zen?". Kontxan bertan esan nion: "Honek ETBn atera behar du". Esan nahi nuen publiko egin behar zela eta zabalpena eduki behar zuela. Guk kexa Elebiden, Behatokian eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan jarri genuen. Behatokiak, larritasunaz jabetuta, publiko egin zuen. Guk Donostiako Bagera euskara elkartearekin hitz egin genuen eta haiek esan ziguten zein eremu geneuzkan salaketarako. Zeren ez da batere erraza. Zer ez da erraza? Hasteko, horrelako erantzun bat jasotzen duzunean errazena edo ohikoena da erdarara pasatzea. Beste aukera da aurre egitea, eztabaidatzea. Salatzea erabakitzen duzu, kexa idatzi egin behar duzu, jakin behar duzu nora zuzendu, prest egon behar duzu hedabideak hartzeko, gure kasuan Federazioarekin eta Atléticorekin bilera egiteko... Edonork ez dauka gaitasunik hori dena egiteko, ez dauka baliabiderik, agian ez dauka denborarik edo gogorik. Eta babesa behar duzu. Guk bagenekien nora jo. Segituan Bagerako, euskara munduko, baita kirol munduko batzuen babesa ere eduki genuen. Lehenengo aldia da horrelako gatazka bat izan duzula? Norbaitek eska diezazuke erdaraz egiteko edo esan diezazuke ez dagoela une horretan euskaraz egiteko aukerarik, baina halako debeku bat lehenengo aldia da, bai! Gurekin halako jarrera izan bazuen, han geunden 300dik gora kirolarirekin ere jarrera bera izan zuen. Ez daude ohituta euskaldunek aurre egiten, eta beraz, guk egindakoa errespetu falta da. Euskarari eutsi zenioten eta jarrera landu bat izan zenuten. Gu horrela bizi gara. Duela bi urte baino lehen seguru nago erdarara pasako nintzela; ez ahizpen arteko elkarrizketan, baina bai epailearekin. Orain bai, baina orduan ez nukeen edukiko bonbilla piztuta. 2016an Donostiako Egia auzoan egin zenuten Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimenaz ari zara. Txandaka, astebetez euskara hutsean bizitzeko konpromisoa hartu zenuten. Aste horretarako prestatzeko Emunek eskaintzen duen TELP ikastaroa egin genuen. Niretzat ikaragarrizko aldaketa izan zen. Ikuspegia aldatu nuen eta tresnak eman zizkidan. Egin genuen lehen hausnarketa: euskaraz bizitzeak ekartzen du nekea, haserrea, zailtasuna, lan bikoitza... Orduan, zer da errazena? Erdarara pasatzea. Bigarren hausnarketan aurreiritziez hitz egin genuen, nola nik erabakitzen dudan nork dakien euskaraz eta nork ez; azal koloreagatik, janzkeragatik, adinagatik... Ondoren tresnak eman zizkiguten kalean euskarari eusteko. Lasaitasuna adibidez: "Lasai, ez dakizu? Nik lagunduko dizut. Ez dakizu hitz egiten, baina ulertzen duzu?". Haserrea kudeatzen ere ikasi genuen, eta aurkikuntza handiena jendearenagana irribarrez gerturatzea izan zen, norbera lasaitzen da eta bestea ere bai. Ikastaroan ikasitakoa kalera eraman duzu bi urte hauetan. Ikastaroa egin genuen guztiok hasi ginen horretan. Hauxe nire buruari esan nion lehen gauza: "Ikusiko duzu zein saltsatan sartuko zaren hemendik aurrera!". Bada, ez nuen esperientzia txar bat bera ere izan. "Ahobizi"-aren txapa neraman paparrean eta azaltzen nien zer egiten ari ginen. Nire eskubidea baino, nire nahia zela azaltzen nien, eta jendeak ulertzen zuen. Ez da hala, orain gogoratu naiz esperientzia txar bat izan nuela. Bati dena azaldu nion eta esan zidan ez zitzaiola interesatzen. Baina, orokorrean, jendeak asko eskertzen du berarekin esperientzia partekatzea, euskarara hurbiltzeko aukera ematea. Hor aurreko [Tabakaleran gaude] dendako langilea Ekuadorkoa da. Hasi nintzaion euskaraz eta berak esaten zidan erdaraz: "Nik ez dakit ezer!". Eta nik: "Lagunduko dizut". Gaur egun etorkinentzako Auzoko programara etortzen da, zenbakiak badakizki, eta kaixo eta agur erabiltzen ditu jendea agurtzeko. Konturatu da hizkuntza bat dagoela, hemengoa, eta aukerak ematen dituela. Badugu arazo hori, jendeak oztopotzat du euskara, ez aukeratzat. Euskaraldia dator. Zuek Donostiako triatloi hartan esperientzia oso txarra izan zenuten. Zer esango zenieke parte hartzeko asmoa dutenei? Gaur ekainaren 23a balitz gauza bera egingo nuke. Azaroan eta abenduan Euskal Herrian egitera goazena ikaragarrizko erronka da. Duela bi urte, Egiako esperientzia bukatu genuenean esaten genuen: "Hau Euskal Herriko herri guztietan egingo balitz?". Amets bat zen. Euskaraldia egingo zela jakin nuenean oilo ipurdia jarri zitzaidan. Gure hizkuntza-jabetzan urrats erraldoia iruditzen zait. Hamaika egun esaten dugu, baina hamabigarrenean ez duzu ahazten, bonbilla piztuta gelditzen zaizu. Seguru nago esperientzia honek oinarri sendoa utziko duela hizkuntzaren garapenean. Zeren hizkuntzaren ofizialtasuna, erakundeek egiten duten lana, testuak bi hizkuntzetan… Bai, baina euskaraz bizi… ez. Klik bat egitea izango da. Klik bat, baina tresnak eskuan ditugula. Hau da, Euskaraldia baino lehen guk Egian egin genuen TELP moduko ikastaroak egingo dira. Zeren erraza da esatea, "astebetez euskaraz biziko gara", baina hori nola egiten da? Tresnak behar ditugu. Azaroaren 23 bitartean lan ederra izango dugu jendeari Euskaraldia zer den kontatzen, jendea animatzen eta gerturatzen. Betiere euskara aukera moduan aurkeztuta. Niri egokiagoa iruditzen zait norberaren eskubideaz hitz egitea baino guztiok euskara erabiltzeko dugun aukeraz hitz egitea. "Ahobizi" eta "belarriprest" rolak asmakizun bikaina dira. Ez zaizu esaten besterik gabe: "Hitz egin euskaraz!". Proposamen zehatza da eta gainera tresnak ematen zaizkizu joko horretarako.
news
argia-b7e37f37e7c0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/maria-torrellas-dokumentalista.html
"Gutxi ezagutzen da Kubako iraultza feminismoaren ikuspuntutik"
Jabi Zabala
2018-09-16 00:00:00
"Gutxi ezagutzen da Kubako iraultza feminismoaren ikuspuntutik" Herri komunikatzaile moduan definitzen du bere burua Maria Torrellasek (Aviles, 1955). Asturiarra sortzez, duela 23 urte etorri zen Euskal Herrira, Carlos Aznarez bikotekidearekin batera. Hemen euskaldundu eta hemen izan zuen Nagore alaba. 2004an Uruguaira joan zen bizitzera eta Argentinara ondoren. Bertan, Resumen Latinoamericano aldizkarian dihardu. Berak zuzendutako Cubanas; Mujeres en Revolución film dokumental berria aurkeztera etorri da gurera. Zer egiten duzue Resumen Latinoamericano aldizkarian? Latinoamerikako borroka prozesuak jarraitzen ditugu, erresistentziak, salaketak… Argentinan da edizio nagusia baina Brasilen, Venezuelan, Perun eta Kuban ere argitaratzen da, tokian tokiko aldaerekin. Eztabaidarako tresna da, borrokarako, oso garai zaila delako hau. Latinoamerikan, eskuin muturra aurrera ari da bere aurpegirik krudelenarekin. Egia esan, egun, mundu osoaz ari den albiste agentzia da gurea. Nola sortu zen Kubako emakumeei buruzko dokumentala egiteko ideia? Krisialdian ezagutu nuen Kuba, 1993an. Iraultzaren zalea nintzen aurretik, baina asko hunkitu ninduen hango emakumeen borrokak garai latz hartan. Eskasiari nola egiten zioten aurre. Kubako emakumeen jarraipena egiten hasi nintzen orduan, hango feminista bikain baten bidez. Isabel Moya zen bera eta aurtengo martxoan zendu zen, baina dokumentalean ere ageri da, zorionez. Gutxi ezagutzen da Kubako iraultza feminismoaren ikuspuntutik, ikuspegi orokorra dago, gizonezkoena, baina Vilma Espín, Celia Sánchez eta Haydée Santamaría ez dira hain ezagunak Kubatik kanpo, ezta iraultzaren lorpen feministak ere. Errealitate hau ezagutzera emateko pentsatu nuen dokumentala egitea. Zer eman die iraultzak Kubako emakumeei? Dokumentaleko galdera da. Bai, eta erantzuna argia eta erabatekoa da, elkarrizketatu guztiek zein kalean ausaz aurkitutakoek eman didate: "Iraultzak dena eman digu. Zer ginatekeen iraultzagatik ez balitz". Hezkuntza, alfabetizazioa, ikasketak, lan egiteko aukerak, berdintasuna, duintasuna, kultura, kirola... Familia giroan, hala ere, matxismo handia dago oraindik. Bai, eta hori etxe barnekoa dela argitu behar da. Parlamentuan %49 dira jada emakumeak, unibertsitatean eta zientzian %60 dira, baina kulturari, sinboloei eta familia rolei dagokienez zailago dute aldaketa. Argazkia: Iñigo Azkona Iraultzaren hastapenetik hona ere bilakaera handia egon da. Homosexualitatearen ikusgarritasuna asko landu da, esaterako, Mariela Castrok zuzentzen duen Sexu Heziketa Zentro Nazionalak lan handia egin du azken 30 urteotan LGTB kolektiboaren onarpenerako. Ez ninduke harrituko orain eztabaidatzen ari diren konstituzio proiektuan sexu bereko ezkontzak onartuko balira, gizartea prestatuta baitago hori ulertzeko. Argentinan, aldiz, guztiz bestelako egoera duzue, abortua debekatu dute. Senatua dinosauroz beteta dago, emakumezko senatari eskuindar horiek… Jendea oso haserre dago Elizarekin, fetuak salbatzeaz obsesionatuta daude eta nahiago dute abortu klandestinoetan neskak hiltzen jarraitzea. Zapi laranja ezaugarri duen apostasia mugimendua sortu da. Argentina-Kuba lotura handia dago, Guevaraz harago. Chek Argentinako iraultzaileen belaunaldiak markatu ditu, lotura historikoa sortu zuen. 2006an Fidel Chavezekin Argentinara bisitan joan zelarik, 50.000 lagun hurbildu ziren unibertsitatera bera ikustera. Lotura horren erakusgarri, behin, Santiagon nengoela, parke batean emakume talde bat topatu nuen. Agurtu eta, Argentinatik nentorrela entzunda, txartel bat eman zidaten Maiatzeko Amei helarazteko esanez. Eraman nien mezua eta haiek mezua grabatu zuten Kubakoei bueltan emateko. Nolakoa da Argentinako egoera? Gobernurik gabeko herrialdea da, eskuin muturreko gobernua dago baina Nazioarteko Diru Funtsak agintzen digu. Oso egoera larria dago, Greziarena gogora ekartzen dit. Hasi dira krudeltasun handiz ministerioak desagertzen, irakaskuntza, ospitaleak... Argentinarrek nola erreakzionatu dute? Hedabide hegemonikoak lan handia egin du jendea loguratzeko, zentzuna galarazteko, horregatik bozkatu dute eskuin muturreko gobernu hau. Sektore borrokalariak oso apalduta daude baina horiek batzeko beharra dugu, kubatarrek egin zuten moduan. Hori da zailena eta hori da Kubak eman digun lezioa, batasunarena. Ezkerreko gobernuen garaia igaro da neurri handian. Zein da Resumen Latinoamericano-ren talaiatik egiten duzuen balantze kritikoa? Gobernu aurrerakoi batzuk izan dira, Chavezek aitzinatuta, baina horiek ez dituzte euren politikak behar bezala erradikalizatu eta mapatik ezabatuak izan dira. Uruguairen kasuan, Frente Amplio eskumarantz lerratu da, multinazionalekin hitzarmenak egin dituzte eta hezkuntza publikoa hondatu dute, Nikaraguan ere berdin egin dute. Hiru borroka iraultzaile indartsu gelditzen zaizkigu: Kuba, Venezuela eta Bolivia. Brasilen Lula kendu dute, hauteskundetara aurkeztu ez dadin. Egoera larria da, kapitalismoak hil egiten duelako, herriak suntsitzen ditu eta behar duen guztia egiten du baliabideak lortzeko.
news