id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-ba61c288e411 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/nazioarteko-diru-funtsaren-erasoa.html | Nazioarteko Diru Funtsaren erasoa | Juan Mari Arregi | 2016-12-25 00:00:00 | Nazioarteko Diru Funtsaren erasoa
Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) berriz erakutsi du zeinen zerbitzura dagoen: Kapitala, banku handiak eta multinazionalak.
Hala ikus daiteke Espainiako Estatuari buruz kaleratutako urteroko txostenean, beti bezala eraso antisoziala proposatzen baitu bertan. Zergapekoaren kontra egin du beste behin, 5.500 milioi euroko murrizketak inposatuz, hau da, BPGren %0,5. Horretarako, BEZa handitzea eskatu du, erregaien gaineko zerga bereziak ere bai, eta hezkuntzan eta osasungintzan gastuak errebisatu behar direla dio, baita lan malgutasun gehiago eduki ere. Hori guztia, "defizit publikoa eta zorra pixkanaka jaistea" lortzeko.
NDFk ez du ezer esaten gastu militarra errebisatu eta murrizteaz, nahiz eta Espainiako Estatuan 2017an 6.000 milioi eurotik 8.000 milioitara igaro nahi den aurrekontua alor horretan, %33ko igoera hain zuzen. NDFri berdin zaio kiebran dauden autopistak nazionalizatzea Estatuak –egiaz bere lagunak salbatzeko delako–, horrek 6.000 milioi euroko kostua izango duen arren, aurretik bankuak erreskatatzea 40.000 milioi euro kosta zitzaigun bezala.
Tristea eta tamalgarria da NDFren eraso antisozial horren aurrean ez egotea herritarren erantzun irmorik. Horren arrazoia eta erantzukizunaren pisua ezker politiko, sozial eta sindikalaren egoera larrian jarri behar dugu. Sozialdemokraziak menperaturik dago, bananduta, desagertuta, eta okerrago dena, Kapitalaren aurrean alternatiba barik. Bidea libre utzi dute jendearen bizkarretik neurri antisozialak inposatzeko. Beharrezkoa eta premiazkoa da ezker horrek hausnarketa sakona egitea eta jokabide erradikal eta solidarioagoa hartzea. Gutxienez NDF eta Kapitala geldiarazteko. | news |
argia-17c9bd7bdd99 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/rafael-ruiz-balerdi.html | Konposizioa-91 XI. 1991 | Xabier Gantzarain | 2016-12-25 00:00:00 | Konposizioa-91 XI. 1991
Datorren martxoan beteko dira 25 urte Rafael Ruiz Balerdi hil zela (Donostia, 1934ko maiatzaren 5a–Alacant, 1992ko martxoaren 11). Azkeneraino jarraitu zuen pintatzen. Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan egin zituen pintura ikasketak. Madrilera joan zen gero. 1957an Artista Gazteen Lehiaketa irabazi zuen. Urte haietan finkatu zen bere estiloa, abstrakzio lirikotik informalismora doana. GAUR taldeko kide izan zen 60ko hamarkadan. Neurri handi eta kolore biziko koadro ederrak egin zituen batik bat. | news |
argia-b0f2ee5ff67a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/maitasuna.html | Maitasuna | Karlos Gorrindo Etxeandia | 2015-07-05 00:00:00 | Maitasuna
Presa handia izan dute EAJ-PNVkoek matrimonio eraberriturako ezkontide zaharberrituari proposamen lizunak egiteko. Ez dute zalantzarik izan. Sentimenduak sentimendu dira, benetakoak eta bihotz-bihotzekoak. Elkar maite dute. Izango dituzte desadostasun eta haserreak (Andoain eta Gasteiz), baina zer dira zirtzilkeria horiek, ezkontideen arteko sentimendu eta elkarri dioten errespetuaren aldean?
Ezkontideetako ausartenak (PNV) elizarako abiada bizia hartu du, inork ustekabeko eskaintzarik egin aurretik (EH Bildu). Bestela ere, bigarren aukera honek ez die egonkortasunik ematen. Matraka zaleak dira gainera, itun, hitzarmen eta negoziazio gaietan trebatu gabeak. Zaborra zabaldu nonahi, horixe egiten baino ez dakite.
Dena den, kariñoa-edo eragiten die bihotzondoan. Eta (Gure) eskutik oratuta ere ikusiko ditugu tarteka-marteka. Baina ezkutuan edo, lotsatuta baleude bezala. Izan ere, etxekoak dira eta. Baina kalezale zalapartari demonio ere bai. Eta, gainera, bezatu barik daude, domestikatu barik, eta arlo domestikorako nahiago dute ogiaren, patataren eta esnearen prezioa zertan den dakitenekin bat egitea. Esaterako, Abiadura Handiko Trena arazo domestikoa ei da, helburu politiko ekonomiko huskeriazkoa. Espainiaren besoetara bizkorrago eramango gaituena, negarretan goazenean legeak agintzen dituen eskumenak aldarrikatzera. Sosak EAE nazioarte mailan jarriko duen jarduera domestiko horietan xahutu behar dira. Edo Pasaiako portutzar berrian: Liberty of de Sesa-Royal Caribbean itsasontzian Euskalerriratuko diren turistek dibisa mordoa utziko baitute La Bella Eason, esaterako. Eta errausteko labeak, biribilguneak eta zeharbideak, tunelak eta zubiak eraikiko dituzte, eta Elantxobeko goi-partea moilarekin lotuko duen eskailera mekanikoa jarriko dute, turisten mesederako.
Eta jakin dugu (ez esan inori) baldintza bakarra jarri diola ezkontide espainiarrak egonkortasun matrimonialak iraungo badu: Espainiako marko juridikoa eta barruan daraman Espainiako bandera errespetatzea. Eta PNVk (Urkullu) baietz, markoa aldatu gabe egin daitezkeela aldaketak, barruko bandera ez dela oztopo.
Zer egingo diogu, ba! NAN genetikoa berriztatu baino ez dute nahi PNVkoek ezkontzarekin. Zeren azken batean geneetan daramaten sentimendu penintsularrari ezin baitiote muzinik egin. | news |
argia-b09fa86814c1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/zezenak-versus-ardiak.html | Zezenak versus ardiak | Kattalin Miner | 2015-07-05 00:00:00 | Zezenak versus ardiak
Duela urte batzuk, "espainolek" haien autoetan haien ez dakit zein izaera markatzeko zezen baten pegatina paratzen zutela eta, "euskaldunek" haien ez dakit zein izaera markatzen zuen ardi latxa pegatina asmatu zuten.
Ordutik, ikurrina bat eraman beharrean, ardi batek esaten digu aurrean doan autoa fidatzekoa den ala ez. Ardiak, zezenak edota katalanen astoak definitzen digu bertan doana.
Eta paradoxikoki, ardiak duen mehatxu handiena otsoa izan bada ere, ez dut ezagutzen haren nazionalitatea otso batekin alderatu nahi izan duen herririk, beraz, ardiak, autoen mundu sinbolikoan, zezenek jaten dituzte.
Hara non, Donostian, EAJk gobernua hartu eta lehen astean hartutako bi neurri: hirira zezenketak itzuliko direla adieraztea, eta Ametzagaina parkean zeuden ardiak bertatik kentzea. Bat-batean eta urgentziaz hartutako bi erabaki horiek, autoen atzeko aldean dauden pegatinen balio sinboliko bera utzi didate. Ez dakit Eneko Goia alkateak zein animalia duen haien autoan, baina erabaki horiekin, otsoarena egiteko prest nor dagoen argi geratu zait. | news |
argia-5728ba02da69 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/kontxita-manarikua.html | "Kubako bizimodu normala egin dut hemen naizenetik" | Miel Anjel Elustondo | 2015-07-05 00:00:00 | "Kubako bizimodu normala egin dut hemen naizenetik"
Behin edo behin, mezu kriptikoa postontzian: "Emakume bat dago hemengo Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia-n, familiako historia interesgarria duena: Concepción Mañaricúa Lezamiz (Durango, 1921), gerrako exiliatua, ja nahiko zaharra". Habanan da emakumea.
Habanan zaitugu, baina, jakinarazi didatenez, durangarra zara sortzez.
Bai, 1921eko abenduaren 3an jaio nintzen, Durangoko Artekalen. Hilaren 3an jaio, baina 8an bataiatu ninduten. Horregatik naiz Kontxi, Kontzesio egunez bataiatua naizelako. 4 urte eta 5 hilabete nituen Kubara etorri nintzenean. Akordatzen naiz Durangon, gure etxe ondoan, izkina batean, txikoria fabrika bat zegoela. Handik urteetara Durangon izan zen nire alaba Diony, eta nik esandakoa egiaztatu zidan, han zegoela fabrika hura, edo egona zela, behintzat; beste zerbait jarriko zuten honezkero, urte asko dira eta. Beste izkinan, berriz, parke moduko bat zegoen, eta ni hunkitu egiten ninduen berton emakumeak dantzan ikusteak. Pasodoblea dantzatzen zuten.
Oroitzapen horixe zuk Durangokoa, neska txikia zinenekoa.
Eta han moja ikastetxean ari nintzela ere badakit, harik eta Kubara etorri ginen arte. Ordurako, aitaita hemen egona zen. Soldadutzarako hartu nahi zuten, Afrikako gerrarako, Marokorako, baina eskapatu eta hona etorri zen. Aitaita hemen egona zenez, aita ere etorri zen. Gero, gure amaren bila joan zen. Aita berriro hona itzuli zenean, han utzi gintuen gu, denok etorri ginen arte. Amak hiru ume ere izan zituen gu baino lehen, baina hil egin zitzaizkion. Bizi izan zirenen artean, Rufina zen ahizpa nagusia. Inoiz ez zitzaion izena gustatu, izenarekin haserre beti hura! Esaterako, aita hil zenean paperak zuzentzera joan behar izan ginen hemen, Kuban, eta bankura joan ginenean, bertokoak: "Miraria da zure ahizpari Rufina izena jarri izana. Zure ahizpa jaio zen sasoi berean, zuen aitaren osaba bat hil zen, Rufino, eta horretan, haren izena jarri zion zure ahizpari, bizi guztian horregatik ernegatzen ibili bazen ere". Rufina eta gero, Felipe, Gerardo eta Matilde jaio ziren. Ondoren, Isabel, Karmen, eta, azkena, ni. Baten batek esan zion gure amari Maria Concepción izena jartzeko niri, baina amak ezetz: "Nahikoa da izen bakarra. Biharko egunean, hor ibili beharko dugu paperak zuzentzen, eta beti dago saltsa izen askorekin: Concepción izango da, eta kito!".
Zein eta zein zenituen gurasoak? Durango bertokoak ziren?
Ama nuen Martina Lezamiz Anasagasti. Neba bat zuen Mundakan berton ezkondua, eta bi mutil eta neska bat zituzten; neska, ni baino apur bat gazteagoa zela esango nuke. Mutiletan, bata zen isila, itxi xamarra; aldiz, bestea zen oso sinpatikoa. Grabatuta geratu zitzaidan: mutiko sinpatikoa esan dudan horrek buruan lata bat ipini bi arratoirekin eta hoska hasi zen: "Etxekoandreeee, arrain freskoa, arrain freskoa!". Haiek barre algarak egiten genituenak! Ama oso emakume gozoa zen, karitategile porrokatua izan zen. Aldiro joaten ginela Mundakara, amaren herrira, horixe gogoratzen naiz, gainerakoa ezabatu egin zait memoriatik. Aita berriz, Felipe Mañarikua Ereñaga nuen. Iurretan jaioa zen, baina ni Durangon etorri nintzen mundura, haraxe joan zirelako bizitzen nire gurasoak. Gero, aita hona etorri zen lanera, hemengo klimara egin zen, eta familia dena etorri ginen. Aitak esaten zuen berton utzi nahi zituela hezurrak, Kuban.
Zuek Durangon zinetela, Kubara egin zuen aitak, lanera.
Aita hona etorri zen lanean, bai, familia han utzita. Akordatzen naiz, gu Kubara etorri ginenean, barkuan, italiarrak zetozela. Ni txiki-txikia, 4 urte, eta haietako batek lepoan hartu ohi ninduen, eta barkuko kareletik kanpora ere ipintzen ninduen. Horrek betiko inpresionatu ninduen! Morroi hark nahikoa zuen oker txikiena, ni uretara erortzeko. Horixe daukat akorduan. Itsasoa, inoiz ikusi dudan gauzarik ederrena zait, baina harixe diot beldurrik handiena. Kontu horrek betiko inpresionatu ninduen. 1925ean heldu ginen Kubara, maiatzaren 25ean. Hemen bete nituen 4 urteak. Habanara etorri ginenean nik ez nuen aita ezagutzen. Barkuak atrakatu zuenean, amak aita ikusi eta oihu egin zuen: "Felipe! Felipe!". Eta ez zait bizian ahaztuko, inpresionatu egin ninduelako, aita gu guztion izenak esaten, baina ez nirea, ez zelako akordatzen, ez ninduelako ordu arte inoiz ikusi. Akordatzen naiz amari hanketatik oratzen niola, estu-estu, eta, geroago, aitarekin bat egin genuenean, besoetan hartu ninduela.
Gauza bat esango dizut: hona etorri baino lehen egin nuen nik lehenengo jaunartzea, San Pedro de Tabirako elizan. Amak apaizarekin hitz egin zuen, nola ginen Kubara etortzekoak. Nik ez nekien irakurtzen, baina amak katixima esaten zidan eta nik erantzunak ikasi. Oraindik gordeta daukat Durangotik amak ekarri zuen irudia: Mirarietako Ama Birjina. Estutasunen bat izan dudanean, beti eskatu izan diot amabirjinari. Fede itzela diot. Horretan erakutsi ziguten txikitatik. Ama igandero joaten zen mezatara Durangon, eta Simon Reyesen ginenean ez zen erraz, soroan bizi ginelako, baina Ciego de Avilan bai, hura herria zelako. Nik esatera, errazago da orain fededuna izatea, lehen baino. Nirekin ez dira inoiz sartu. Beharbada hasieran gorabeherak izan genituen, baina konpondu ziren, eta nik berdin-berdin segitu nuen. Adibidez, gure alaba Diony Mariak teresianoen kolegioan ikasi zuen, eta Carlos Manuel semeak, maristetan.
Orain Habanan bizi zara, baina orduko denboran ez zineten hemen jarri bizitzen.
Ciego de Avilan bizi izan ginen lehenengo, eta han izan ginenean aitak Matanzasen egin zuen lan, zurgin. Gero, Simon Reyesera mudatu ginen, eta berak ireki zuen zurgindegia. Lauzpabost langile ere izan zituen sasoi batean, baina egoera txarra baino txarragoa zen, nonbait, eta zarratu egin zuen. Orduan, Central Stewart azukre-fabrikara jo zuen lan eske. Iraultzarekin, Central Venezuela izena eman zioten fabrika hari. Lana eskatu zuen, eta eman zioten. Eta hil zenean, zentral hartatik jubilatuta hil zen. Hil artean egunero joan zen sorora ganadu haztera, iraultza etorri zen arte. Simon Reyesen bizi izan ginen eta, geroago, hantxe ezkondu nintzen ni, eta hantxe jaio ziren nire seme-alabak. Gure aita euskalduna zen, eta euskalduna zenez, hitzekoa zen, zintzo eta esanekoa. Garai hartan, %50aren Legea indarrean zegoen Kuban, eta haren arabera natiboek zuten lanerako lehentasuna; haien atzetik ziren atzerritarrak. Ordurako koxkortua nengoen ni, hazi xamarra. 12 urte ere izango nituen lege hori eman zutenean. Zarata handia atera zuen, bizi guztia hemen zeraman jendeak lana galdu zuelako. Atzerritar askok alde egin zuen, espainolak eta espainolak ez zirenak. Aita gizon zaildua zen, eta ama, aldiz, saindu hutsa. Ama hil zitzaidanean, osasuna ere galdu nuen nik. Hura pena! Egunero dut ama gogoan… Ondo erakutsi ziguten, ondo hazi gintuzten, heziera oneko izan ginen, guztiz ordenatuta bizi ginen. Jatorduetan, adibidez, mahaian ginen denok. Inork mahaira huts egiten bazuen, arrazoi handiren bat beharko zuen! Bestela, hantxe denok, mahaiaren bueltan, harmonian. Eta neu ezkondu nintzenean, eta familia ekarri nuenean, berdin egin nuen, gurasoek erakutsitako bidetik egin nuen aurrera, harmonian.
Zer diozu zeure bizimoduaz uharte honetan?
Hemengo bizimodu normala egin dut Kuban naizenetik, baina bi herri ditut: Espainia ez dut ahaztekoa –bihotzean daramat–, eta Kuba, hemen hazi naiz eta. Hemen, baina ez Habanan, barrurago baizik: Ciego de Avilan. Herri txiki polita da Ciego de Avila, nahiko aurreratua. Ez dakit han euskaldunik izango zen orduan, oso txikia nintzen, eta ez dakit. Izatekotan, ez ziren asko izango, hori seguru, eskolan ez dut batere zenik gogoratzen. Lehen [iraultza baino lehen] eskola publikorik ez zegoela esaten dute batzuek, baina, horretaz hasten direnean, mihian herdoilik gabe esaten diet: "Esaiezu nirekin hitz egiteko!". Ni bi eskola publikotara joan nintzen, eta bi maistra zoragarri izan nituen. Batak Margarita Carballero zuen izena. Neska txikia nintzela Ciego de Avilatik Simon Reyesera bizitzera joan ginenean, urtebetetze egunean maistra haren zorion txartela jaso nuen. Beste maistrak Herminia Miñoso zuen izena, eta harekin hasi nintzen 6 urte nituenean, bigarren maila aurreratuan; buruargia nintzelako, nonbait. Bigarrenetik seigarrenera bitarteko ikasleak zituen gela berean Herminia hark. Hortik atera kontuak maistra saiatua zen edo ez! Herminia Miñoso harro zegoen, hiru belaunaldi igaro zirelako bere gelatik, eta behin esan zuenez, hiru belaunaldietan ere neu izan nintzen ikaslerik onena. Eta horrek poz handia eman izan dit beti. Erraz ikasten nuen, oso diziplinatua izan nintzen, eta oso saiatua. Bihotzez maite izan nituen maistrak, eta halaxe maite izan ninduten haiek ere ni. Ezkondu nintzenean ere, Herminia bisitatzera joaten nintzen. Matanzastarra zen, baina Ciego de Avilan bizi zen. Eskolatik irteten nintzenean ere, gauez, eskolak ematen nituen maisu batekin. Hark bere liburuak uzten zizkidan… Hemen egoera latzak asko izan dira, ez pentsa hau aulkian eseri eta gitarra jotzea izan denik. Irakasle hark Camagüeyra eraman nahi ninduen azterketa bat egitera, maistra izan nendin, baina egoera ez zen ona, txarra zen, eta, aldiz, aitari dirua eskatu behar nion Camagüeyra joateko, gastu guztiak pagatzeko. Eta ez nion eskatu. Ez nintzen maistra graduatu. Hala ere, ahizpa takigrafo eta mekanografoa zen, eta biak ikasi nituen, hala takigrafia nola mekanografia, eta azterketa bat egitekoa izan nintzen. Baina, horretarako ere, 30 peso eskatzen zituzten! Eta garai hartan 30 peso 30 peso ziren, eta kito azterketa hura ere niretzat. Bitartean, josten, brodatzen, margotzen eta horiek denak egiten ikasi nuen.
Ez zinen maistra graduatu. Ezkondu eta etxean egin zenuen lan.
Asturiar oinordea hartu nuen senar, Agustín Durán Vázquez, Kuban jaioa. Baina ez dakit askorik senarraren familiaren inguruan, berak ere ez zekielako: umezurtz geratu zen 6 urte zituela. Itxura guztien arabera, nire senar defuntuaren aita gaixotu egin zen hemen. Biriketatik zebilen, eta Asturiasera joan zen, han sendatuko zelakoan. Ez alferrik, han hil zen! Orain dela hemezortzi urte hil zitzaidan senarra, eta orduan Habanara etorri nintzen bizitzen nire ahizpa Isabelekin batera, alabarenera. 93 urte beteak ditut, eta ez nago besterik esateko moduan: hauxe izan da nire bizialdia, argi-ilunez betea, beti den moduan. "Ez da erraza, konpai!", esan ohi da hemen, eta nik denetarik izan dut, egia esan behar baldin bada. | news |
argia-17a8d6306c11 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/gaztetxoei-eta-gurasoei-inkestak-nafarroako-mendialdeko-euskararen-egoera-aztertzeko.html | Gaztetxoei eta gurasoei inkestak Nafarroako mendialdeko euskararen egoera aztertzeko | Onintza Irureta Azkune | 2015-07-05 00:00:00 | Gaztetxoei eta gurasoei inkestak Nafarroako mendialdeko euskararen egoera aztertzeko
Sakanan, Malerrekan, Baztanen, Bortzirietan eta Iparraldeko Euskara Mankomunitateari dagozkion herrietan, guztira 46tan, egingo dituzte inkestak. 12 eta 16 urte arteko gaztetxoei etxeko erabileraz, sare sozialez, hedabideez eta interneten erabileraz galdetuko diete. Guraso erdaldun eta euskaldunek haien 16 urtetik beherako seme-alabekin duten harremanaz erantzun beharko dute; transmisioaz eta erabileraz arituko dira inkestan. Azterketa lanak bi urte iraungo du.
Aipatu ditugun bailaretako euskara mankomunitateek bi arrazoi aitortu dituzte inkesta egiteko. Batetik, Nafarroako Gobernuak azken mapa soziolinguistikoan ez ditu 5.000 biztanletik beherako herrietako datuak eman eta Nafarroako eremu euskaldunean herri gehienak biztanle kopuru horretatik behera daude. Bestetik, mapa soziolinguistikoak euskal hiztunen kopuruaz eta erabileraz emandako datuek kezka sortu dute. Euskara ezagutzen dutenen portzentajeak bi puntu egin du behera hogei urtean (%58) eta etxeko erabilerak zazpi puntu (%34). | news |
argia-059558e9ee28 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/marshall-uharteak-bonba-atomikoen-debekua-eskatzen.html | Marshall Uharteak bonba atomikoen debekua eskatzen | Pello Zubiria Kamino | 2015-07-05 00:00:00 | Marshall Uharteak bonba atomikoen debekua eskatzen
Apirilaren 27tik maiatzaren 22ra bitartean Nazio Batuen Erakundeak deituta New Yorken burutu zen Arma Atomikoen Ez Ugaritzeko Itunaren bilera. Marshall Uharteek beste behin ere eskatu zuten arma nuklearrak eragoztea, munduari oroitaraziz zein prezio gogorra ari diren ordaintzen Mikronesiako herrialde txiki hartako biztanleak.
Gela honetako zenbatek ikusi du bere begiekin bonba atomiko baten leherketa?", galdetu zien Tony DeBrum Marshall Uharteetako atzerri ministroak NBEren biltzarrean batutako ordezkariei. Bera izango zen bakarra.
1954ko martxoaren lehenean aitonarekin arrantzan ari zen orduan bederatzi urte zeuzkan DeBrum mutikoa Likiep atoloitik gertu. Aitona uretatik sarea biltzen ari zela, egunsentia argitu zien bat bateko distira handi batek. Ondoren halako haize kolpe bortitz batek astindu zituen. "Dena bihurtu zen gorri –esan zien DeBrumek New Yorkeko batzarkideei–, itsasoa, arrainak, zerua eta aitonaren sarea. Hori, zero eremutik 200 miliatara geundela! Ahaztu ezineko oroipena da".
Aitona-bilobek Bravo bonba atomikoaren leherketa muturren aurrean ikusia zuten. 1946 eta 1958 artean Marshall Uharteetan, aire zabalean, 67 gehiago lehertu zituzten AEBek. Bikini eta Enewetak atoloietako biztanleak erbesteratu zituzten haien lurretan proba nuklearrak egin ahal izateko, eta batere babesik gabe burututako test hauen kalteak nozitu zituzten inguruko irletako milaka herritar gehiagok.
DeBrumdarrek 200 miliatara ikusitako Bravo leherketa beldurgarria –15 kilotoi, Hiroshiman zapartatua halako 750– Fukuryu Maru baporeko 23 arrantzale japoniarrei egokitu zitzaien 90 miliatara, Argian duela hamar urte " Zorioneko Dragoia akabatu zuten Bikiniko bonbaz " kronikan kontatu zenez.
Fukuryu Maru ko marinelak kiskalita eta arrain kutsatua zekartela lehorreratutakoan ezagutu zituzten japoniarrek Itsaso Barean AEBak egiten ari ziren proba atomikoak eta haien ondorioak. 400.000 japoniarretik gora atera omen zen karriketara protestan. Japoniako 30 milioi herritarrek sinatu zuten bonba atomikoak lehertzeko debekuaren eskaera. 1963an onartu zuten horrelako armak dauzkaten herrialdeek egurats zabalean proba atomikoak egiteko debekua.
Gaur Marshall Uharteek auzi bi dauzkate irekita, bata AEBetako epaitegietan, bestea Nazioarteko Auzitegian, AEBak, Britainia Handia, Frantzia, Errusia eta Txinaren aurka, ez dutelako aurrerabiderik egin Arma Atomikoen Ez Ugaritzeko Itunaren (NPT ingelesezko sigletan) ataletako bat, agintzen diena sinatzaileek bidea irekitzea arma hauek desagertzeko.
AEBetako auzitegian egindako eskaria berehala arbuiatu du epaile federal batek. Nazioarteko Auzitegietakoak aurrera darrai. 2013ko martxotik 2014ko abendua bitartean nazioarteko hiru biltzar burutu ziren Oslo, Mexiko Hiria eta Vienan, arma nuklearren eragin humanitarioen eta haien debekua lortzeko urratsen inguruan.
Baina mugimenduoi harrera oso hotza eta haserretua ere egin diete potentzia atomikoek. Ulertu behar zaie: beren armategi atomikoak modernizatzeko inbertsio oso handietan sartuta daude, datozen urteetan gerra atomikoaren arriskua txikiagotu ez baina asko handituko dela segurtatuz.
Atomoak usteldu zuen paradisua
Bob Alvarezek Bulletin of the Atomic Scientists aldizkarian aztertu ditu kontuok: " The Marshall Islands and the NPT ". Alvarez zientzialari eta irakasleak AEBetako administrazioarentzako lana egin du, 90eko hamarkadan arma atomikoen kontrolerako batzorde eta ekipoetako buru aritu zen, tartean Ipar Koreara bidalitako batean, eta atomoez idazten duenean badaki zertaz ari den.
"Lurreko minak –dio Alvarezek– nazioarteko itun batek debekatzen ditu kalte handiegiak eragiten dituztela eta, indiskriminatuak direlako eta gerrarako lege humanitarioa urratzen dutelako. Zalantzarik gabe bonba atomikoak askoz larriago eta indiskriminatuagoak dira sortzen dituzten zaurietan. DeBrum ministro marshalldarrak adibide gogor batekin erakusten du arma atomikoen garapenak berak ere urratzen dituela oinarri humanitarioak eta horregatik debekatuak izan behar dutela".
Marshall Uharteak 1944an bereganatu zituzten AEBek, lekuko jauntxoei lurrak hamar dolarretan ( sic!) erosita. Militar yankiek 1946rako hasi zituzten leherketa nuklearrak eta ez zituzten eten 1958 arte, zenbait uharte birrinduta eta inguruko guztiak kutsatuta lagaz. 1968an gerra biologikoko esperimentu bat egin zuten Enewetak atoloian, bertan zabalduz Staphylococcus aureus bakterio arriskutsua.
Mendebaldarron irudimenean paradisuaren pareko dauden Itsaso Bareko irla txikiotan AEBek Castle izeneko leherketa saila egin zuten. 1954ko udaberrian. Hona Castle sailaren marka: martxotik maiatzera 48 kilotoiko energia askatu zuten leherketatan, tartean Bravo famatua, US Radiochemical Society erakundeak izendatu duena "AEBek bere historian nozitu duen hondamendi erradiologiko larriena".
Eztanda egin eta 10 minutura, Bravo ren onddoak 62 miliako diametroa zeukan. Askoz urrunago ere iritsi zen haren kutsadura. " Bravo k Iodo erradioaktibotan zabaldu zuen Fukushima eta Txernobyl bien artean botatakoa halako 30".
Marshall Uharteetako Errepublika osatzen duten 24 atoloietatik batzuk bereziki kutsatu dituzte leherketok. Zehazki Rongelap, Alinginea, Rongerik, eta Utirik atoloietako jendeek, Bravo zapartatu zuten gunetik 200 miliatara egonik, beren soinetan jaso zuten Hiroshimako leherketa jasan zutenek adina erradioaktibitate.
AEBetako lurretan bertan nabaritu zen erradioaktibitatearen handitzea Castle saileko leherketa nuklearren ostean. 1954ean agintariak ohartu ziren, adibidez, kontinenteko behien esnetan ageri zela lehenago Nevadako desertuan egindako leherketekin azaldutakoa adina erradioaktibitate. Hori horrela bazen AEBetan, zer ez zen izango Marshall Uharteetan...
Bizkaiko Enkarterrietan sortutako Alonso de Salazarrek 1526an aurkitu eta askoz beranduago, Marshall Uharteak 1986tik AEBei elkartutako estatu independentea dira. Kwajelein atoloian dauka Ronald Reagan Ballistic Missile Defense Test Site gune militarra.
Munduak ahaztu arren, marshalldarrentzako proba nuklearrak ez dira iraganeko oroipen soilak. Sekulako faktura segitzen dute ordaintzen, Rongelap atoloia hustuta, gainerako uharteetako ingurumena kutsatuta, jendeak beren soinetan erradioaktibitateak eragindako eritasun larriak daramatzatela.
AEBek ez dute atoloiotako kutsadura ezabatzeko estrategiarik landu, garestia omen litzatekeelakoan. Aldiz, erradioaktibitate handiegia duten lurretatik kanporatutako milaka pertsona pilatzen dira Ebye uhartean, munduko gune jendetsu eta zikinenetako batean. | news |
argia-c2afdf3da255 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/maria-jose-jimenez-gitanas-feministas-por-la-diversidad-elkarteko-zuzendaria.html | "Mundu mailan apenas hitz egiten da emakume ijitoen arazoez" | Malen Aldalur | 2015-07-05 00:00:00 | "Mundu mailan apenas hitz egiten da emakume ijitoen arazoez"
Begietako estalkia kendu nahi du María José Jiménezek (Murtzia, Espainia). Ijitoa, emakumea eta feminista da, ahotsa altxatuz bota ditu hiru ezaugarriok. Euren identitatea albo batera utzi gabe eredu anitzago eta askeagoa aldarrikatu nahi du ijito emakumeentzat. Payoei eskaera argia egiten die: alboratu ditzatela estereotipoak eta aurreiritziak.
Emakume ijito feministak batu eta Espainia mailako elkartea sortu duzue.
Orain dela bi urte sortu genuen elkartea. Sortzaileok beste gizarte mugimendu batzuetatik gatoz eta aurretik ere ibili gara emakumeen eta aniztasunaren aldeko borroketan. Madrilen hasi ginen elkartzen, eta konturatu ginen zerbait desberdina eraikitzeko ordua zela. Ijito komunitatean hainbat gabezia daude arlo batzuetan, esaterako, askatasun sexualari edo genero indarkeriari dagokionean. Badirudi emakume ijitoak ez garela existitzen eta gure buruak ikustarazteko lanean hasi ginen. Gaur egun, baliabide bakarrak boluntario lanean diharduten emakumeak dira. Pixkanaka ari gara Espainiako Estatuan zabaltzen, momentuz honako lekuetan ditugu ordezkariak: Madril, Murtzia, Castelló, Valentzia, Ponferrada, Lugo, Granada eta duela gutxi Euskal Herriko bi ere batu zaizkigu, Bilbokoak.
Pikara Magazine aldizkarian egindako elkarrizketan diozue ijitoen estereotipo homogeneoarekin amaitu nahi duzuela.
Arazoa ez da ijito komunitatea homogeneoa izatea, gainerako gizarteak hala ikustea baizik. Horrelako aurreiritziekin egiten dugu topo etengabe. Pertsona jantzia izan zaitezke, beste edozein pertsonarekin lehiatzeko erreminta nahikoarekin, baina ijitoa izanik maiz zure jatorriak edo etniak pisu handiagoa dute. Antzeko zerbait gertatzen da emakume eta gizonen artean; emakume izateak ateak ixten dizkizu, bada imajinatu emakumea eta ijitoa bazara.
Komunikabideek errurik badutela uste al duzu?
Emakume ijitook ikustarazi egin behar dugu geure burua eta aniztasuna agerian utzi. Azkenaldian, telebistan [kate espainiarretan] hainbat programa egin dituzte gure komunitateaz: Palabra de gitano (Ijitoen hitza), Mi gran boda gitana (Nire ijito ezkontza handia)... eta irudi hori zabaltzeak ez du laguntzen. Bestelako komunikabideetan ere antzekoa gertatzen da: ijitoon berri, ia beti, folklorearen edo gertakarien atalean ematen dute. Oso eskaintza murritza da Espainiako Estatuan 600 urte daramatzan komunitatearentzat.
Komunikabideei erreparatuta, behinik behin, badirudi ijito komunitatean matxismoa nabariagoa dela.
Eskemak eraikitzeko orduan, ijito komunitateak gizartearen gehiengoaren patroi berak jarraitzen ditu. Gabezia handienak gainerako gizartearen berdinak dira.
Baina ez da errealitate bera.
Ijito kulturari edo identitateari buruz hitz egiten dugunean ez dakigu ongi zeri buruz ari garen, jendea ez da definitzeko gai. Historikoki gizartearen gehiengoak inposatu dizkigun mekanismoak direla eta, zaila izan da sartu gaituzten txoko txiki honetatik irtetea. Ijitook ez gintuzten gainerakoen eskoletara bidali, geure eskolak genituen. Horrek izugarrizko albo-kalteak ekarri dizkigu eta belaunaldi bat baino gehiago beharko dira arazoari buelta emateko. Gainera, Espainiako Gobernuak apenas egiten duen esfortzurik gure egoera hobetzeko. Jendeak uste du dirurik ez dutelako txaboletan bizi diren ijitoak, hala bizi nahi dutelako daudela egoera horretan. Tamalgarria da. 600 urtez izan ditugu horrelako diskurtso sinplistak Espainian.
Aurreiritziak ditugu, beraz.
Matxismoa esplotatuago dago, noski, gainerako komunitate txikietan bezala. Baina ez da ijitoekin soilik gertatzen. Soziologiako edozein liburutan ikus daiteke komunitate txikiek defentsa mekanismoak erabiltzen dituztela euren herria ez desagerrarazteko, eta horrek sarri harresiak sortzen ditu. Errazagoa da ijitoak matxistagoak direla esatea. Errazagoa da, herri txikia garelako; Estatu honen gaitz guztiak ordaintzen ditugu. Ijito komunitatea matxista den? Orokorrean bai, baina baita gainerako gizartea ere.
Eta zer egin horren aurrean?
Ez da batere erraza. Hasteko, erreferenteak falta zaizkigu ijito komunitatean. Gizarte mugimendu erreal eta parte-hartzaile baten buru izango den talde bat behar dugu, eta ez daukagu. Hori da guk lortu nahi duguna: benetako gizarte mugimendua izatea. Autonomia erkidegoetara iritsi nahi dugu, eta mugimendu hau aurrera ateratzeko gai diren emakumeengana iritsi. Horrek denbora eskatzen du eta prozesua mantsoa da.
Zuen tradizioen artean badago bat bereziki polemikoa: zapiaren froga.
Egia da gaur egun oraindik praktikatzen dela. Gure jarrera argia da: erabakitzeko eskubidea defendatzen dugu. Emakume ijitoa hobeto sentitzen bada froga eginda, beti ere bere erabakia eta berea bakarrik izanda, aurrera. Alabaina, 12-13 urterekin ezkontzen diren emakumeetan esaterako, astakeria iruditzen zaigu. Lehenbizi adingabea delako eta bigarrenik ikusi beharko litzatekeelako ea praktika hau egiazki ijito herrialdearen ezaugarri eta bereizgarri ote den. Hala balitz, Espainian ez zen gizonezko ijitorik egongo, emakumeok soilik mantenduko genuke ijitoon identitatea.
Aniztasun hitza jarri duzue elkartearen izenean. Sexu aniztasunari eta askatasunari dagokionean zein da egoera?
Badaude ijito homosexualak noski, baina egia da daudenak baino gutxiago direla bistaratzera ausartzen direnak. Plataforma bat ere badago gai hau lantzen duena, baina bereziki gizonezko bikoteengan jartzen du arreta. Egia esan, egoera nahiko tamalgarria da. Errealitatea ezkutatzen ahalegindu dira urte luzez, eta jendeak izugarri sufritu du; pentsa zer izan behar duen herrialde zapaldu baten barruan zapaldua izateak. Gure egitekoetako bat da sexu aniztasuna ikustaraztea. Neska edo mutil batekin oheratzeak ez du zure ijito identitatea inondik inora kaltetzen. Baina hau ulertzea kostatu egiten da komunitatean, oso gizarte tradizionaletik gatozelako.
Gainerako mugimendu feministekin alderatuta badu desberdintasunik zuenak?
Guri gehiago ari zaigu kostatzen, gehienbat ez gaudelako diskurtso feministetan integratuta. Uneoro hitz egiten da emakume arabiarrez edo afrikarrez, baina mundu mailan apenas hitz egiten den emakume ijitoen arazoez.
Harremanetan zaudete hala ere.
Harremanetan gaude, eta gainera harremana ona da. Beste elkarteekin kolaboratzen dugunean gure egoeraz jabetzen dira eta elkarri laguntzen diogu. Hala ere, normalean harreman hori a posteriori sortzen da eta ez a priori . | news |
argia-9d7755e1b593 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/uztailaren-4a-aeben-independentzia-egun-atzeratua.html | Uztailaren 4a, AEBen Independentzia Egun atzeratua | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-07-05 00:00:00 | Uztailaren 4a, AEBen Independentzia Egun atzeratua
Filadelfia (AEB), 1776ko uztailaren 4a. Hamahiru Koloniek Britainiar Inperioarekiko independentzia deklarazioa sinatu zuten, ustez. Eta uste horretan oinarrituta, urtero, uztailaren 4an, estatubatuarrek Independentzia Eguna ospatzen dute, su festen, beisbol partiden, desfileen eta bestelako ekitaldien bidez.
Berez, bi egun lehenago, 1776ko uztailaren 2an bildu ziren Hamahiru Kolonietako ordezkariak Filadelfiako Bigarren Biltzar Kontinentalean. Eta Virginiako Richard Henry Lee ordezkariaren eskariz, independentziaren aldeko erabakia jasotzen zuen dokumentua onartzea bozkatu zuten. Hamabi ordezkarik aldeko bozka eman zuten, New York soilik abstenitu zen eta, hala, ia aho bateko babesaz onartu zen lehen testu hura.
Egun horretan bertan gerora AEBetako bigarren presidente izango zen John Adamsek emozioz beteriko gutuna idatzi zion Abigail emazteari. 1776ko uztailaren 2a "Amerikaren historiako egunik gogoangarriena" izango zela esan zion, eta "askapen eguna kontinente osoan hotsandiko desfile, jaialdi eta ikuskizunen bidez" ospatuko zela.
Handik bi egunera, uztailaren 4an, Filadelfiako Biltzarra berriro bildu zen Independentzia Deklarazioaren behin betiko dokumentua onartzeko. Thomas Jefferson, Benjamin Franklin eta John Adamsek idatzitako testua 56 ordezkarik berretsi behar zuten. Baina ordurako gehienak hiritik joanak ziren, bi egun lehenago erabakitakoaren berri nork bere kolonian lehenbailehen ematera. Ordezkari kopurua handia zen, eta XVIII. mendeko azken laurdeneko garraio azpiegiturak, berriz, kaxkarrak. Sinadura guztiak batera lortzea zaila izango zen. Sinadura gehienak ez zituzten abuztuaren 2ra arte bilduko, eta orduan ere, gutxi batzuk falta ziren oraindik. Sinatzen ez bazuten zigortuko zituztela ohartarazi ondoren, urtea amaitu baino lehen doi-doi lortu zuten Deklarazioa osatzea.
Uztailaren 4an ordezkari guztiak bertan ez zeudenez, historialari eta aditu askok era guztietara eskatu izan dute Independentziaren Eguneko ospakizunak uztailaren 4tik 2ra aurreratzea, John Adamsek berak iradoki bezala. Baina ordezkari politikoek behin eta berriro baztertu dute aukera hori, data sinbolikoa estatubatuarrengan oso errotuta dagoela argudiatuz, sinboloak egiak baino indar handiagoa lortu duela onartuz. | news |
argia-289ee85e2451 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/rooibos-modako-infusioa-baino-gehiago.html | Rooibos, modako infusioa baino gehiago | Joxerra Aizpurua | 2015-07-05 00:00:00 | Rooibos, modako infusioa baino gehiago
Aspalathus acuminatus edo Rooibos izenez ezagutzen duguna, askorentzat, te mota bat baino ez da. Hegoafrikako Cederberg ingurunean hazten da, eta tearen zale askoren gustukoa da, baina ez du teinarik. Bai, ordea, antioxidatzaile ugari. Infusiorako gaia landarearen zutoin eta hostoekin prestatzen da; txikitu ondoren, hartzidura eragiten da eta azkenean eguzkitan lehortzen uzten da.
Aipatu bezala antioxidatzaile izaera du, flabonoide ugari baititu, aspalatina, notofagina eta kertzetina besteak beste. Baina horiez gain sodio, magnesio, potasio eta neurri txikiagoan burdina hornitzaile aproposa da. Kaloriarik gabekoa, gainera. | news |
argia-0a7694bbaf73 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/julen-lopetegi.html | Julen Lopetegi | Haritz Mujika | 2015-07-05 00:00:00 | Julen Lopetegi
Doinua: Habanera.
Futbolerako dohainak
zurekin daramatzazu
modu hortan gailurrera
heldu zara pausuz pausu.
Taktikak arbel gainean
preparatuz jo eta su,
gero hamaika jokalarik
egin diezaioten kasu.
Harrokeriak ez dizu
inoiz egin enbarazu
haserako mutil jator
eta umila zara zu.
Lortutako lortzeko
meritu latza daukazu
mundu guztian ezagun
egin duzu Asteasu.
Atezain zinen garaian
a zer geldiketa sorta!
Jokatu zendun Athletic
eta Realaren kontra.
Irabazi zenituen
Liga ta Errege Kopa,
Europako Errekopa bat
eta hiru Superkopa.
Ondoren entrenatzaile
bezala zenbat borroka.
Espainian eta Oporton
horrenbeste anekgdota.
Gaur herritarrok zugatik
egin nahi genuke topa!
Horra iristea gutxi
batzuen esku dago-ta!
Zure lagunentzat Julen,
arrotzentzat Lopetegi.
Zure izena egunero
da kirol prentsan ageri.
Maiz estrategiarekin
jotzen duzu erdiz erdi,
hortan zu baino hobeak
ez dira egongo beste bi.
Ametsa lortzeko bota
duzu hainbeste izerdi
ta ereindako hazia
zuhaitz eder egin bedi.
Zorionak denon partez
zuri ta ingurukoeri
ta aurrerantzean ere
gaur arte bezala segi. n
* Bertsook kantatu zizkioten ekainaren 20an Asteasun egindako omenaldi-afarian. | news |
argia-70f6bf223af8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/joan-mari-irigoien.html | "Ez dizkiot jainkoari adarrak jarri, baina gustatzen zait adarra jotzea" | Mikel Asurmendi | 2015-07-05 00:00:00 | "Ez dizkiot jainkoari adarrak jarri, baina gustatzen zait adarra jotzea"
Altza, 1948. Hogeita lau urtez idazle profesional moduan aritu zen, Elkar argitaletxearen bitartez. Ordea, 2013ko urrian, osasun arazoak zirela eta, erretiroa hartu zuen. Joan Mari Irigoienek esklerosia pairatzen du eta jarduna gutxitu behar izan du. Hala ere, idazten jarraitzen du. Bi urtetako kronika fakultatiboa liburua horren froga.
Zer da Bi urtetako kronika fakultatiboa liburua, zure idazle ibilbide oparoa kontuan hartuta?
Liburu berezia da, bizi izandako oinaze bizi baten marka darama. Bestetik, nire libururik laburrena da, baina baita urrutien iristen dena ere, beharbada, halakoa izan baitzen gaitz hark ireki zidan zauria, neure izatearen hondorik gabeko amildegi beltzik beltzenetan zehar eraman ninduena.
Liburuaren azala, ohi bezala, Imanol anaiak egin dizu. Ba ote duzu horri buruz zer esanik?
Bai, azal bikaina egin dit anaiak. Baina gauzak zer diren... Anaiaren estudiotik pasatzen naiz noizbehinka, haren obra ezagutzen dut trazoz trazo eta marraz marra. Esan behar baitut ni, liburu bat bukatutzat jotzen dudan bakoitzean, harengana joaten naizela, ea azala egiteko zerbait bururatzen zaion. Hala, egun batean joan nintzaion; azaldu nion liburu berriaren gai nagusia depresioa zela, adierazi nion, halaber, koadro ezin ilunago bat nahi nuela, baita argiaren taupada xume bat ere, esperantza gisa. Eta berak, hitzetik hortzera: "Horretarako ez ote da egokiena, nik estudioan dudan koadroa, gauak hartutako hiria gai nagusi duena?". Berehala ulertu nion. Nik ere ongitxo ezagutzen bainuen anaiaren koadro eder hura; koadroak bazuen gainera, edo badu argi mehe bat, dorreen ilunetik ateratzen dena eta espazioa labana batek bezala ebakitzen duena, bidean aurrera egiteko, giza itzal bat besarkatzen duen arte. Hantxe genuen, beraz, irtenbidea, eta halaxe erantzun nion anaiari: "Bai horixe! Hire koadro hori egoki izan daitekek".
Ataka latza ezagutu duzu.
Depresioak itxuragabe gutxitzen zaitu, psikikoki batez ere. Entzuna nuen gaitzaren berri jakiteko, gaitzak azpiratu behar zaituela noizbait. Egia biribila. Gaitzak astindu aurretik, izan ere, ondo sentitzen zara, normal. Zer da, baina, normaltasun hori? Niretzat, funtsean, lur egonkor bat da, zeinaren gainean, inongo arazorik eta buruhausterik gabe, eraiki baitezakezu zeure nortasunaren etxea. Halako batean baina, zeure burua ahul sentitzen hasten zara, ahul eta arraro, edo zeure buruarekiko arrotz. Azpian zenuen lur egonkorra, berriz, garuneko hainbat neurotransmisoreren jarioaren faltaz –serotonina izenekoa inportanteena– dardarka hasten da, halaber, zure nortasunaren etxea, baita nor zinena desnor izateko bidean jarri ere. Eta bat-batean, izugarrikeriaren atarian sentitzen zara, ez baita batere erraza bizitzan aurrera egitea, mendean zauzkan lurrikara existentzial baten gainean zauden bitartean. Eta ahul eta gaixo nengoela, galderarik gaiztoenak –amoralenak, alegia– zetozkidan burura, auto-suntsipenerako dei... eta hura euli bat begian edukitzea bezala zen: hantxe eulia nire begi-inguruan beti, aldian behin liztor ere bihurtzen zena, asiar liztor krudela! Gaitz baten jostailu ezdeusa nintzen, beraz: bihotza sentitzeko ahalmenik gabe, burua ere batere argitasunik gabe.
Baina atera zara.
Hori ere egia da, buruan nituen argi-hondarrekin bai bainintzen zerbait ikusteko gai: gaitzaren eraso guztien erdian, adibidez, neure burua objektibatzeko gai ere banintzela ohartu nintzen halako batean, eta horrek ikusarazi zidan ni ez nintzela gertatzen ari zitzaidanaren erruduna, beste alde batetik erruduntasun sentimendu inkontziente batek gupidagabeki urratzen eta higatzen ninduen arren. Baina ene barne-borroka hartan, bai, garrantzi handikoa izan zen buru-argitasun txiki haren aurkikuntza, nire gaitza gero eta hobeto ulertzera eraman ninduena.
Jainkoa aipatzen duzu liburuan behin edo behin, eta jakin nahi nuke nola ulertzen duzun kontzeptu hori.
Ez dut jainkoa aipatzen, ustez, Misterio Bizi-sortzailea baizik. Baina berdin da. Hara: errealitate infinituaren presentzien eta ausentzien artean, garbi esan dezaket sinestunagoa sentitzen naizela ez-sinestuna baino. Arrazoiak bilatzen hasiz gero, derradan ezen nire gurasoak –aita bereziki– oso zirela erlijiozaleak: katolikoak, noski, eta ni ere halakoa izan nintzen, nerabezarora bitartean. Orduan, krisi bat izan nuen. Izan ere, gure apaizek –gure heziketaren borrero eta biktima, biktima eta borrero, aldi berean– esaten eta baieztatzen zuten ezen sexuari eta seigarren aginduari lotutako egintza guztiak bekatu mortal zirela. Egun batean, amets erotiko bat izan nuen, isuri batekin amaitu zena: atseginaren erdian, ordea, sekulako kezka sentitu nuen, bekatu egiten ari nintzen ala ez, zerua ala infernua jokoan. Joan nintzen apaiz batengana, eta hark are zalantza handiagoak sorrarazi zizkidan, nik areagotzen nituenak, nik ere sekulako abilezia baitaukat argudioen gainean beste argudio batzuk eraikitzeko, logikaren edo sasi-logikaren bideak erabiliz betiere, harik eta ebanjelioa neure kabuz irakurtzea erabaki nuen arte: irakurketa hark erabat aldatu ninduen; izan ere, ebanjelio osoan ez nuen aurkitu hitz bat bera ere sexuari buruz! Jesusek, aldiz, noiznahi erabiltzen zituen ahoan justizia eta maitasuna bezalako hitzak, eta noiznahi ibiltzen munduko gabetuekin: pobreak, publikanoak, putak. Irakurketa hark, beraz, guztiz aldatu ninduen, baita, berandu gabe, Gandhi eta Martin Luther Kingen teorietara eraman ere.
Elizaren garai esanguratsua ezagutu zenuen.
Bai. Garai horrek kointziditu zuen Elizaren aggiornamentoa rekin, kontzilioaren aire berriak bitarteko. Eliza modernizatu behar zen, Jesusen mezua gaurkotu. Handik aurrera, berriz, bide gero eta pertsonalago bati ekin nion, zeinak Erromako Elizaren dogmekin haustera eraman baininduen –ez zaizkit dogmak interesatzen, are gutxiago idazlea naizen aldetik, askatasun eremua zaintzea lehen obligaziotzat duena–, halako eran, non, azkenean, muinarekin bakarrik geratu bainintzen: Jesus poeta bizizale bat zen, herri xehearekin bat egin zuena, eta nahikoa eta sobera nuen horrekin. Garaiko gazteak ez bezala, beraz, egun batetik bestera santujaleak izatetik marxista-leninistak izatera heldu zirenak, nik neure bidean jarraitu nuen, Elizak mendetan zehar zabaldutako errituak eta aparatu ideologiko guztia bazter utzita, hori bai, are bazterrago utzi nituena Venezuelako esperientzia bizi ondoren, askapen teologiaren jarraitzaileekin harremanetan jarri bezain fite.
Mundu hau zuri ere sinesgaitz gertatzen zaizu.
Ba, horixe. Hain da harrigarria inguratzen gaituen errealitate misteriotsua, mikromundua eta makromundua... ez nintzatekeela harrituko, alegia, beste mundurik balego, edo munduan egoteko beste era bat. Askotan pentsatzen dut, halaber, mundualdi honen ondoren ezereza izango dugula sari: hori ere, baina, ez da nolanahiko saria; niretzat, izan ere, oinazea da infernua, eta ezerezak ez du minik ez oinazerik, ez du sufritzen. Bitartean, hemen nago Misterio Bizi-sortzailearekin hizketan, biraotik –galdera potoloak eginak dizkiot jainkoari, oraindik erantzun ez dizkidanak– maiteminera eta maiteminetik biraora. Bueno, tarteka ere baditugu geure barrealdiak. Hitz-joko bat eginez, zera ere esan dezaket, nik ez dizkiodala Jainkoari edo Dena Delakoari adarrak jarri –oraindik ez behintzat–, baina gustatzen zaidala, bai, aldian behin Hari adarra jotzea: maitasun handiz diot, gezurra badirudi ere.
Aldatu al zaizu bizitzarekiko kontzientzia?
Funtsean, ez. Baina aitortzen dut azken bolada honetan pairatu ditudan nire bi gaitz hauen zafraldiak ahuldu eta higatu nautela, maila batean. Maila dexentean ere bai. Baina, nagoen bezala nagoela, aurrera egiteko moduan nago, gero gerokoak.
Bilobatxoa tarteko, zer moduz hartu dute familiakoek liburua? Eta lagunek?
Nik ez dut dudan jartzen maite nauen jendeari –lagunei eta senideei, baita hainbat irakurleri ere, ausaz– min egingo niola liburu honekin. Baina maite nauen jende hori, halaber, pozik egongo da, beraiek atera bainaute putzu beltzetik, azken batean, beren egiteak eta ez-egiteak –bakean uzteko esaten nienean, bakean uzten ninduten– bitarteko. Jaso ditudan e-mailak, gainera, guztiak dira adore-emaileak eta ulergarritasunaren bahetik iraziak, laudoriozkoak ere ez gutxi, baita aleka batzuk ere, amodiozko gutuntzat ere har litezkeenak. Bilobatxoari dagokionez, berriz, nik uste dut zeharo poztuko dela liburuxka inoiz irakurtzen badu –adin batetik aurrera, jakina–, gaixoaldiaren unerik txarrenetan haurraren begiak –eta inozentziarenak, azken batean– izan baititut itsasargi, izan ditut jarraibide, izan ditut salbabide. | news |
argia-07ff8832cd3d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/amona-turistak.html | Amona turistak | Jakoba Errekondo | 2015-07-05 00:00:00 | Amona turistak
Amona mantangorriarekin harro dago nekazaria, etengabe loriatzen du. Gorputz biguna duten intsektuen arerio izugarria da gure amona kuttuna. Heldua denean zorriak, akaroak eta kotxinilak jango ditu. Bere kumea da, ordea, zorri jaleen artean amorratuenetakoa. Jaiotakoan gosea zer den ezagutu ez dezan eta mardul haz dadin, kumeak emango dituzten arrautzak zorriak dauden landare muturretan bertan erruten ditu amonak. Zientoka jango ditu amona bihurtzeko metamorfosia egin aurretik. Sagastian edo baratzean amona mantangorri bat ikusten dugunero burua makurtu eta begirunea azaldu beharko genioke. Amona kuadrila erakarri eta geure baratzean, soroan, sagastian bizitzera geldiarazteko gai bagara pozoirik erabili beharrik ez.
Haragijaleak dira, batik bat, baina indarrean bizitzeko eta ugaltzeko bitamina eta bestelako osagaiak ere erantsi behar dietara. Landareen polena, nektarra eta abar jaten dute. Amonak gustura egon daitezen, bereziki atsegin dituzten landare jakin batzuk jartzea komeni: gure mendietan ugaria den azenario basaka ( Daucus carota ), mihilua ( Foeniculum vulgare ), milorria ( Achillea milefolium ), ezamihilua edo aneta ( Anethum graveolens ), perrexila ( Petroselinum crispum ), sasi larranbiloa ( Anthemis arvensis ), bixeleta edo larranbilo kirastuna ( Anthemis cotula )...
Zenbaitetan mendi tontorretan, baita hondartzetan ere, amona mantangorri saldoak topa daitezke. Itxuraz hezetasuna atsegin dute eta giro bero eta lehorrak datozenean, haiek dakartzaten haizeak berak baliatuz emigratu egiten omen dute, bizitoki freskoxeago eta hezexeagoen bila. Mendi garaietan bezala, hondartzetan ere pilatu ohi dira. Turista gisa Pirinioetako tontorretan eta Mundakako hondartzan... Gozo asko uda zakarrari aurre egiten. Geuretik ez dute emigratu beharrik izango, etorri bat etorriko dira inguruko lurralde lehorretatik... Ongi etorri amonak!
Umandik bere hiztegitzarrean amona mantangorriaren makina bat izen bilduak ditu: katalin gorri, marigorri, amona mantagorri, amona gonagorri, andere kotagorri, andre gonagorri, euli bearrigorri, kanaketa, gonagorri, katalingorri, jaungoikoilar, kotagorri, labagorri, amona gorri, mantagorri, maria gonagorri, mariana gorri-gorri, mari gonagorri, mari gorri, mari gorringo, maritxo teiletako, matxin gorri, matxin gorringo, taskorri, kastorri, maritxu teilatuko, txipilota gonagorri, mamanton gonagorri... Batean eta bestean gehiago ere izango dira. Euskaldunontzat etxeko eta, nolabait, garrantzitsu izan denaren adierazle. | news |
argia-89e1549a0505 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/xaloa-telebista.html | Elizondotik Iru�errira jauzia | Iru�e Astitz Larunbe | 2015-07-05 00:00:00 | Elizondotik Iru�errira jauzia
Xaloa Telebistak lehen urratsak 1997an eman zituen Elizondon. Inguruko eskualdeetara iristen da seinalea. Urte erdi da telebistak Iruñerrira jauzi egin duela. Zazpi langile ari dira Iruñerriko lantaldean.
Iruñerriak euskara hutsezko tokiko telebista du otsailaren 2az geroztik. Xaloa Telebistak 2013an Iruñerrian Lurreko Telebista Digital bidez emititzeko lizentzia lortu zuen. Urtebete geroago, 2014ko azaroan, crowdfounding kanpaina martxan jarri zuten, besteak beste errepikagailuek izan zituzten kostuei aurre egiteko. Berriozarko kulturgunean dute egoitza, eta emititzen hasi zirenetik bost hilabete bete behar dituzten honetan, egunero hiru orduko ekoizpen propioa egiteko bidean dira.
1997an Elizondon duten egoitzatik emititzen hasi zirenetik Baztan, Bidasoa, Malerreka, Urdazubi eta Zugarramurdi eskualdeetako herritarrengandik gertu izan dira. 2013an Nafarroa osoan eta Iruñerrian emititzeko lizentzia lortu bazuten ere, inbertsioari aurre egin ezin ziotenez, Nafarroa osoan emititzeari uko egin zioten. Ostera, Iruñerrian emititzen hasteko proiektua garatzen hasi ziren.
53.760 euro hasteko
Xaloa TB ez da telebista handi bat; poliki-poliki hasi eta Iruñerriko herritarrei zerbitzua eskainiko dien telebista baizik. 2014ko azaroan, Tokikomekin (tokiko komunikabideen bateragunea) batera crowdfounding kanpaina martxan jarri zuten Karena plataformaren bidez.
Proiektuak Udalbiltza, Topagunea, AEK eta beste hainbat erakunderen babesa jaso eta 53.760 euro bildu zituen, herritarren, erakundeen eta herri mugimenduetako taldeen ekarpenari esker. Horrela, besteak beste, emititzen hasteko beharrezkoak ziren errepikagailuak eskuratu zituzten. Errepikagailu nagusia Elomendin daukate, eta horri esker, Xaloak ez ezik Hamaika Telebistak eta Nafar Telebistak ere emititzeko aukera dute. Ezkaba menditik ere seinalea emititzen dute.
Euskaratik eta euskaraz, Iruñerria euskalduntzeko tresna
Bost hilabeteko ibilbidean Iruñerriko elkarte eta erakundeek parte hartzeko aukera izan dute. Horixe da Xaloa Telebistaren helburuetako bat: elkarte eta erakundeek haien asmoak, gogoetak eta kaleratu nahi duten informazioa emateko euren esku izanen duten tresna izatea, alegia. Horrek lana eskatzen duela argi dute Xaloa Telebistako kideek, horregatik informazio hori zabaltzeko modua oso ongi finkatzea dute erronketako bat.
Xaloa Telebistaren lan egiteko modua elkarlana da eta hurbiltzen den edozein erakundek, elkartek eta herritarrek harrera ona izanen du esku artean duen proiektua aitzina ateratzeko orduan. Elkarlanean aritzea du xede Xaloak, dituzten tresnak eta baliabideak, euskaratik eta euskaraz, gizartearen zerbitzura jarriz.
Xaloa Telebista Iruñerria osoko etxeetan ikusi beharko balitz ere, Ezkaba menditik ateratzen den seinalearen indarrarekin arazoak izaten ari dira. LTDko 38. kanalean sintonizatu behar dute herritarrek Xaloa ikusi ahal izateko. Irailerako seinalea indartu eta Iruñerria osoan ikusteko aukera egonen da.
Ekoizpen propioa helburu
Otsailaren 2an hasi baziren ere emititzen, 2014ko abenduan proba saioak egin zituzten Xaloa Telebistaren bestelako saioak emitituz. Urtarrilean albistegia egunero egiten hasi ziren eta gerora bi magazin jarri zituzten abian: bata goizean eta bertzea arratsaldekoa. Programa berezituak emititzen hasi dira duela gutxi. Egingo dituzten bost saio berezituetako protagonistak haurrak, kultura eta kirola izanen dira. Dagoeneko hiru orduko ekoizpen propioa egiten dute eta irailerako eguneroko emisioa egonkortzea dute helburu.
Lantalde gaztea
Berriozarko kulturgunean du egoitza Xaloa Telebistak. Oraindik estudioak egokitzen ari dira, grabazio plato egokiak izan daitezen. Zazpi kazetari eta teknikariz osatutako taldea ari da lanean. Eider Madina eta Josu Santesteban albistegia zuzentzeaz eta edukia sortzeaz arduratzen dira. Maialen Epaltza izan da orain gutxi arte goizeko magazineko gidaria. Larraitz Amadotz da arratsaldeko magazineko gidaria. Arratsaldero gai zehatz bat ardatz hartzen dute: astelehenetan kirola, astearteetan udal kontuak, asteazkenetan kultura, ostegunetan ekonomia eta politika, eta ostiraletan aisialdia. Xabier Sobrino aipatutako saio berezituak egiten ari da. Horien inguruan, editatzen eta kontrol mahaian, Iñaki Atxa eta Haritz Sanz dabiltza. | news |
argia-268e6e118a79 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/cliffhanger-atalak-amildegitik-zintzilik-utzi-gaitu.html | "Cliffhanger": atalak amildegitik zintzilik utzi gaitu! | Gaizka Izagirre | 2015-07-05 00:00:00 | "Cliffhanger": atalak amildegitik zintzilik utzi gaitu!
"Cliff" (amildegia) eta " hang " (zintzilikatu). Hau da: "Cliffhanger" , "amildegitik zintzilik". Eta zertara dator ingeles ikastaro azkar hau? Lasai, ez izutu, hori ondo egiteko Muzzyren klaseetara jo beharko duzue. Kasu honetan, hitz horrek telesail eta filmekin duen lotura zuzena azaltzera nator, naiz eta kontziente ez izan, " Cliffhanger mementoa" oso maiz ikusten dugun zerbait delako.
Atal konkretu baten azken eszenan ikusi edo sentitu daiteke normalean, baita film edo liburu baten azken uneetan ere. Gugan sortzen duen sentimendua, zirrara, egonezina, suspensea eta batez ere hurrengo atala ikusteko irrikan egotea da. Hain zaila eta erraza era berean, hori da "cliffhanger" -a, istorio bat amaitzera doanean, ezusteko zerbait gertatu eta bat-batean "The End" hitzak ikusten ditugunean. "Hurrengo atala ikusi behar dut!", "noiz da hurrengoa?" buruan bueltaka dabilzkigun bitartean, baliabide honek lortu du bere helburua, ikuslea harrapatu eta hurrengo emanaldien garapenaz interesatzea. Ez du zertan sekuentzia oso bat izan, istorioaren eta medioaren arabera, irudi soil bat izan daiteke, ekintza bat ala zergatik ez, esaldi bat.
Jatorria, 1873ko A pair of blue eyes izeneko pulp-eleberrian dauka. Istorio zati hauek hilabetean behin argitaratzen ziren egunkariarekin batera. Espero zen bezala, Thomas Hardy idazleak liburu horren heroia amildegitik zintzilik uztea erabaki zuen. Hortik aurrera hainbat idazle, baliabide erraz bezala erabiltzen hasi ziren. Urte batzuk geroago, zazpigarren artera egin zuen salto, eta bien arteko lotura erabat argi ez dagoen arren, badirudi zinema-mutuan aurki dezakegula sorrera, The Perils of Pauline izeneko film-sorta batzuetan konkretuki. Azken minutuetan, neska estutasunetan ikusiko zenuen beti, hiltzeko zorian, baina hurrengo emanaldiaren hasieran libratu egingo zen. Hortik komikietara eta azken hamarkadetan telesail eta bideo-jokoetara pasa zen efektu hau.
Egun existitzen den konpetentzia bortitza dela-eta, ikuslea fidelizatzea ezinbesteko arma bihurtu da. Edozein istorio puska txikietan zatikatzean baliabide hau tartekatzeak tresna oso eraginkor bihurtzen du. Modu honetan, ikuslea/irakurlea/jokalaria irrikan uzten du guztiz harrapaturik utzi duen istorio horren amaiera nola izango den jakin arte. Beti ere, noski, gidoiarekin bat etorri behar duen errekurtsoa dela nabarmenduz, eta ez tranpa lardaskaria. Gainontzean, azkenean amildegitik behera eror daitekeena telesaila bera izan daiteke.
Eta zergatik da hain eraginkorra efektu hau? "Zeigarnik efektua" izeneko fenomeno psikologiko bati esker. Amaitu gabeko zereginak edo erraztasun gehiagorekin eten direnak, guztiz amaitu direnak baino errazago gogoraraztearen joerari deritzo. Taberna batean zegoela antzeman zuen fenomeno hau Bluma Zeigarnik psikologoak. Bertako zerbitzari batek egiteke zituen eskaera zerrenda luze bat erraztasunez gogoratzen zuen, baina zerbitzatu berri zituen plateren izenak aldiz, ez zituen oroitzen.
Lost, Dexter edo Prison Break bezalako telesailak ospetsu egin dira azken urteetan, baliabide hau etengabe erabili dutelako, ikuslea atzazalik gabe eta urduritasun kontrolaezin baten menpe utziz. Tamalez badira beste hainbat kasu, " Cliffhanger " erraldoi baten menpe betiko geratuko direnak, bertan behera geratu ziren Carnivale, Deadwood ala Pushing daisies esaterako. Tramarekin gehiegi arriskatu zutelako ala besterik gabe, erdi-mailako ikusleek ez zutelako haien handitasuna ikusi nahi, merezitako amaierarik gabeko telesail bihurtu dira.
Beraz badakizue, kontuz amildegitik zintzilik geratzearekin, igotzen laguntzeko soka jaso beharrean zulora bidaliko zaituzten ostikada jaso dezakezuelako. | news |
argia-04bc2bb13330 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/amnesia-eta-argia.html | Herrimina eta malenkonia gaindituta, kantu zuzenak egiteko beharra | Iker Barandiaran | 2015-07-05 00:00:00 | Herrimina eta malenkonia gaindituta, kantu zuzenak egiteko beharra
Amnesia eta argia
Fiachras
Mauka, 2015
Gerora Fiachras taldea osatu duen jendilajea luzaroan giro makur eta txarrenetan ibilia da: gaztaroko bilisa botatzeko punk-rocka egiten hasi ziren hainbat taldetan; eta ia-ia ile kardatuarekin punteoak egiten hasi behar zirenean desagertu egin ziren. Bizitzaren hondamendia, azpiko muturra ikusi eta bizi ostean, nazkatuta, itsasontzi bat hartu eta samina aldean ahalik eta urrunen jo zuten bizi izandako lardaskeria guztia ahaztu nahian. Beste latitude batzuetako portuetan egin zituzten geldiuneak eta marinel tabernatan barruko samina edanarekin eta kantuarekin blaitu zuten. Hala hasi ziren barne-barnetik artifiziorik gabeko kantuak idazten: batzuk, amorrazioz beteak, rockeroak eta egiazkoak; eta beste batzuk, erabat malenkoniatsuak, sustraietakoak. Hori izan zen Fiachrasen estreinakoa.
Gerora, urruntasun, herrimin, itsasoko gaitz eta tabernetako gehiegikeriek bultzatuta, malenkoniatik, egiatik eta lur bati lotuta egotetik gehien duen sentitzeko eran, folkean, sartu ziren buru-belarri; emaitza, Hiltzera goaz lelo apokaliptikoa duen diskoa.
Orain, baina, urte batzuk pasata, nostalgiatik aldendu nahian eta orainaren lemari gogor helduta, ausardia osoz itsasoratu dira berriro, zehatz finkatutako norabidearekin: kantu zuzenak idaztea, edonon eta edonola kantatu eta plazaratzeko modukoak, hausnarketatik bai, baina batez ere bat-batekotasunetik dutenak. Amnesia eta argia izeneko hirugarren lana iraganean bizi izandakoa baztertzeko ahalegina da, eta edozeinengana heltzeko kantuak berez izan behar duten txispa hori lortzearena; trikimailurik gabe, poserik gabe, biluztasun eta bat-batekoan.
Bergaran, Lazkaon eta Legazpin hankak dituen taldearen disko eta norabide berri baten aurrean bagaude ere, Haritz Artola abeslariak are gehiago borobildu ditu arrasto handia uzten duten berak idatzitako "galtzaileon" hitzak. Bestalde, abesteko tonuan eta talde giroan abesten dutenean Fiachrasen marka dute kantuek; baita, jakina, barruraino sartzen diren lelo itsaskorretan ere. Baina oraingoan rockak zein gitarrek are presentzia handiagoa dute eta grabazioaz arduratu den Freddy Pelaezen hammonda ere erabakigarria da zenbait kantutan: Egiaren argia, El abrazo perfecto, Tu éxito y mi peste, Jainkoekin muga artekoa eta Infernuaren atariraino , hain zuzen ere. Horrez gain, La ceguera country borobila da; Plazerraren hatzaparretan ek westernetik eta rock-and-roll garratzagotik ere badu; Odolaren mintzoa pausatuago eta sarkorragoa da; eta Zuberotar baten aurrean adar-jotzailean berezko rock-and-rolla, jostaria, landu dute. | news |
argia-3dcb1b6878f6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/depresioaren-aurka-argia.html | Depresioaren aurka, argia | Joxerra Aizpurua | 2015-07-05 00:00:00 | Depresioaren aurka, argia
Gure jendartean gero eta zabalduago daude depresio eta antsietate arazoak. Horiek sendatzeko bidea luzea izaten da, oro har, baina orain gutxi Nature aldizkarian argitara emandako artikulu batean depresioak sendatzeko bide berri bezain interesgarria ezagutu dugu. Sinpleki esatearren, gogorapen positiboak ditugun garuneko neuronak argi izpien bidez aktibatzean datza.
Saguekin egindako saiakerek emaitza ikusgarriak izan dituzte: depresioa nahita eragindako saguen garuneko kokagune zehatzean zuntz baten bidez argi izpiak sartuz, neuronak aktibatu eta depresioa kentzea lortu da ia kasu guztietan.
Arazoa da argia zuntz baten bidez buruan sartzea oso erasokorra dela. Alabaina, emaitza ona izan daitekeela jakinda, argia buruan era samurrean sartzeko bide teknologiko aproposak aurkitzea izango da hurrengo erronka. | news |
argia-2eda10c3809e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/fronte-zabalaz-eta-herri-fronteaz.html | Fronte zabalaz eta herri fronteaz | Asier Blas Mendoza | 2015-07-05 00:00:00 | Fronte zabalaz eta herri fronteaz
Euskal Herrian maiz entzuten ari gara "fronte zabala" terminoa. Katalunian "herri fronteaz" mintzo dira bestelako formulazio batekin: herri hautagaitza zerrenda. Lehenengoa koalizio batek dituen gogo eta helburu politikoen harira agertu da; bigarrena aldiz, herrialde baten askapen prozesuaren eztabaida erdian dago.
EH Bilduk fronte zabala terminoa erabiltzen du erreferente bezala, Uruguaiko kasuak duen prentsa onarengatik eta alderdi aurrerakoi desberdinen arteko aliantza sendoa delako. Zenbait herrialdeetan horrelako esperimentuek arrakasta lortu dute, sozialdemokraziaren ezkerrera dauden indar politikoak gobernuetan jartzeko. Hori EAEko errealitatera ekarriko bagenu, EH Bildu Eusko Jaurlaritzara ailegatzea esan nahiko luke. Kataluniako kasua ordea, bestelakoa da. Hauteskunde plebiszitarioak egin nahi dituzte eta horrelako kasu historikoetan, plebiszitu izaera berresteko eta gehiengo luzez irabazteko, herri fronte hautagaitzak osatu izan dira.
Bi kasuetan gehiengo argiak lortu nahi dira hautestontzietan, baina hau ez da beti posible indar metaketen bitartez. Katalunian horretaz jabetu dira, izan ere, logika horrek funtzionatzeko probabilitate handia du, baldin eta borroka politikoa ardatz bakarrean antolatzen bada eta gehiengo osoko edo proportzionaltasun gutxiko hauteskunde sisteman lehiatzen bada. Uruguain munduko hauteskunde sistema konplexuenetako bat dute, horri esker parlamenturako hauteskundeetan boto emaileak fronte zabalari eta hau osatzen duten beste edozein alderdiri (komunistak, sozialistak…) botoa eman diezaioke aldi berean. Bestalde, hauteskunde presidentzialetan legez derrigortuta daude primaria irekiak egitera. Zaila egiten zaigu EH Bildu bezalako koalizio bat primariak antolatzen imajinatzea, baina, dudarik gabe, ezinezkoa dena da koalizioari botoa ematea eta aldi berean hau osatzen duten alderdiei azpi-botoa ematea. Horrez gain, Euskak Herrian ez dugu Eskoziako egoera bera: ezker-eskuin eta zentro-periferia ardatzak ia era perfektuan teilakatzen dira, hau da, gero eta ezkertiarragoa izan, orduan eta eskoziar soberania are zaleagoa. Gurean badugu horrelako zerbait baina teilakatze perfektutik urrun gaude, hizkuntzek eta urrun dauden nortasun nazionalek zatitzen gaituzte. Ondorioz, sentsibilitate politikoak gehiago dira eta horien arteko metaketa burutzea zailagoa da: ardatz batean adostasuna dena bestean desadostasuna da.
Katalunian herri frontearen posibilitatearekin antzeko zeozer gertatzen da. Baltikoko herrialdeetan gehiengo edo proportzionaltasun gutxiko hauteskunde sistemak erabili zituzten beraien hauteskunde plebiszitarioetan. Ez da hori ezberdintasun bakarra, Katalunian bi borroka ardatz daude. Independentziaren aldeko babes guztia jasotzeko herri frontea badago eta badaude honen aurkako lehian aukera politiko desberdinak. Independentziaren aldeko batek ezker-eskuin ardatza lehenesten badu, nekez bozkatuko luke herri frontearen alde. Errealitate horri aurre egiteko, Kataluniako independentistek garbi dute sistema proportzionalean hobe dela gutxienez ezker-eskuin ardatzean bi edo hiru sentsibilitate independentista egotea, hautesleen ikuskera desberdinetara hobeto egokitzeko. Era berean, EAEn fronte zabala baino, sozialdemokraziatik ezkerrerago dagoen gobernua osatzeko erabilgarriagoa izan daiteke sentsibilitate ideologiko desberdinak ordezkatzen dituen hauteskundeen ostean eratutako gobernu koalizioa, hain zuzen ere Nafarroan gertatuko den bezala. | news |
argia-2562878a0c66 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/ekintzailetasun-soziala.html | Garapen komunitarioa enpresa ikuspegitik | Urko Apaolaza Avila | 2015-07-05 00:00:00 | Garapen komunitarioa enpresa ikuspegitik
Krisi sakonen testuinguruan, ekonomiari beste norabide eta zentzu bat emateko saiakerak gero eta ugariagoak dira. Bergarako Berrekin.Berregin programa eraldaketa soziala helburu duen ekintzailetasunerako formazio gunea izan da bi hilabetez.
Ekintzailetasuna. Hitz usatu eta murtxikatu horrek zentzu oso diferenteak izan ditzake testuingurua, subjektua eta, batez ere, helburua kontuan edukita. Ezin dira berdin ulertu norbere burua soilik lukratzeko start-up bat sortu duena edo komunitatearen premia bati aurre egiteko kooperatiba eratu duena.
"Badago ekintzailetasun on bat, eta beste bat tranpatia eta engainagarria dena". Amalio Rey-ren hitzak dira, berrikuntza kolektiboaren arloan erreferentziazko aditua eta Emotools enpresaren sortzailea. Malagan bizi den kubatarra Bergaran izan da Berrekin.Berregin programan bere esperientzia kontatzen. Reyren ustez pertsona batzuek "desesperazioagatik" ekiten diote negozio berri bati, lana lortzeko edo lanez aldatzeko, beste batzuek ordea ekiten diote uste dutelako gizarteak bestelako irtenbideak behar dituela: "Ekintzaletasun sozialaren funtsezko helburua da jendarteak dituen arazoak konpontzea, ez dio zuzenean erantzuten enplegu bat lortzeko beharrari".
Bergaran ekintzailetasun sozialaren inguruan jardun dira azken bizpahiru hilabeteotan, Bergarako Udalak, Olatukoop ekonomia sozial eta eraldatzailearen sareak eta Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiak antolatutako formazio programan. Eragile anitzen esperientziak ezagutu ez ezik, eskualdeko beharrak identifikatu eta horiek gazteen motibazioarekin konektatzea izan du helburu programak: "Guk hasieratik argi geneukan garapen komunitarioaren logikan kokatu behar genuela ikastaro hau, bertatik sortu zitezkeen ekimenak autoeraketaren paradigmara bilduz –dio koordinatzaile lanetan aritu den Lankiko Aritz Kanpandengik–. Hasieratik oso harrera ona izan du ikuspegi horrek".
Hala, formazioaz gain hazitegi ere izan da Bergarakoa eta ikasleek zazpi proiektu marraztu dituzte. Orain, enpresa-ideia horiek martxan jartzea izango dute erronka nagusiena, eta ondo bidean, eskualdean ekimen berriak jendarteratzeko balioko dute.
Ekintzailetasun sozialaren "aterkia"
Ekintzailetasun sozialaren inguruko teorizazioak ez dira herenegungoak. 90eko hamarkadan zenbait adituk gai horien inguruan azterlanak publikatu zituzten eta ekintzaile sozialak biltzen dituzten Ashoka moduko mundu sareak hedatzen hasi ziren. Garai haietan, esaterako, Jimmy Wales finantzariak ezagutza kolaboratiboan oinarritutako kode irekiko entziklopedia sortu zuen: Wikipedia.
Bistan da "ekintzailetasun soziala" kontzeptua definitzeko orduan gaur egun ez dagoela adostasunik. Kanpandegiren iritziz sentsibilitate ezberdinak biltzen dituen "aterkia" da: "Badira 'sozial' hori soilik marketing estrategia gisa erabiltzen dutenak; gure abiapuntua beste bat da eta 'ekintzailetasun soziala' gaur egun bizi ditugun gizarte erronken baitan kokatzen dugu, besteak beste erronka energetiko-anbientala eta gizarte orekatu eta justuagorako premia".
Marko teoriko horretan guztian sakontzeko jende askoren esperientziak eta hausnarketak ezagutu ahal izan dituzte Bergarako ikasleek –denera 18 hizlari izan dira–. Horietako askoren iritziak programaren blogean (berrekinberregin.org) daude entzungai.
Kanpoko bisitak ere izan dituzte programan. Berrikuntza sozialaren bueltan Katalunian aitzindari diren Xarxa d'Economia Solidàriako Ruben Suriñachek eta EstArter-eko Alvaro Porrok erakunde komunitarioek herrialde hartan duten eragina azaldu dute: "Esperimentaziorako espazioak dira, jendearen beharrak beste modu batean asetzeko egiturak eta sistemak sortzen dituzte, eta lortu dute jendarteko geruza zabalagoetara iragaztea", dio Suriñachek.
"Canvas soziala" erreminta gisa
Berrekin.Berregin programaren helburua enpresa edo ekimen sozialak sortzeko habeak jartzea izaki, garatu beharreko erremintei garrantzia handia eman diete Bergaran egin diren saioetan: "Ikastaroan zehar behin eta berriz azaleratu da galdera bat –dio Kanpandegik–: ekintzaletasun sozialak tresna konkretuak behar ditu ala nahikoa da 'ohiko' enpresa-erremintak beste zentzu batez erabiltzea?".
Lankiko kidearentzat seguruenik bi ikuspegiak izan litezke baliagarriak. Hala, erreminta propioak zein izan daitezkeen ezagutzeko parada izan dute parte-hartzaileek, tartean REAS (Red de Economía Solidaria) sareak sorturiko "Canvas soziala".
Enpresa bat martxan jarri aurretik ekintzaileek negozioaren gakoak aurreikusteko metodo erraza da Canvas delakoa. Nolabait esateko: enpresa plan bat folio malgu batera ekarria. Metodo hori, baina, ikuspegi soziala emanez moldatu daiteke, eta proiektu berriak komunitatean izan ditzakeen eragin positibo eta negatiboak identifikatu daitezke. Iratxe Atxa Saiolan Enpresa eta Berrikuntza Zentroko kidea da: "Canvasa erreminta sinoptiko bat da, modu oso batez ikus daitezke enpresa aktibitate berri baten gakoak. Noiz erabili? Ideia zirriborro bat besterik ez dugunean; proiektua ondo landuta edukirik ere, laburrean aurkeztu nahi dugunean; edota jada martxan dagoen enpresa batek aberastasuna zein modutan sortzen duen zalantzan jarri nahi dugunean".
Atxaren esanetan proiektu hasi berriei bete ezin duten epe motzeko bideragarritasun ekonomikoa exigitzen zaie askotan, kontutan eduki gabe hastapen horretan sortzen duten "aberastasun soziala".
Bergarako programatik atera diren ideiak proiektu ekintzaileak eta sozialki jasangarriak izateko hazia jarrita dago, orain Kanpandegiren ustez, herri mugimenduak eta administrazio publikoa ondoan dituztela sentitu behar dute. | news |
argia-2fcb63d716b9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/gutxien-bustitzeko-liburu-zuria.html | Gutxien bustitzeko liburu zuria | Angel Erro | 2015-07-05 00:00:00 | Gutxien bustitzeko liburu zuria
Beharbada superpotentzia emozional bat bagarelako eta oso erraz hunkitzen diren herritarrez inguratuta bizitzera ohitu garelako, ondokoa gutxien mintzen ere ikasi dugu, horretarako teknika askotarikoak garatuz; iritzia emateko tenorean, geure burua gehiegi saldu gabe, ondokoa deseroso sentiaraztea saihesteko moduak asmatu ditugu, hots, eskuak ahalik eta gutxien zikintzeko, edo geure burua ahalik eta gutxien konprometitzeko. Artikulu hau teknika horien bilketa apala baino ez da.
1. Ondokoa ez mintzeko, lehen eginbeharra da mindu daitekeen ordezko bat bilatzea, denbora osoan inor mindu gabe bazabiltza, pertsona onegien gainean erori ohi den susmoa zeureganatuko baitzenuke: zerbait ezkutatzearena, saihestu nahi dituzun bazterketa ondorioak azkarrago erakarriz. Egia biribilak aurpegiratzeko ordezkoak, beraz, zeure komunitatetik kanpokoa izan behar du, baina harekin nolabaiteko harremana, zeharkakoa edo gailentasunekoa, izan behar du. Zenbat eta urrunagokoa edo zenbat eta boteretsuagoa izan, orduan eta aukera gutxiago duzu hura mindu eta haren minak zuri kaltea eragin diezazun.
2. Errepara egiezu xehetasunei. Zure esku dago ekimenean, esaterako, hark bilatzen dituen helburuetan, hara iristeko bitarteko edo, besterik gabe, antolakuntzan kirrinka egiten dizun zerbait baldin badago, beharbada nola adierazi ez dakizuna (sentimendu horri hitzak aurkitzea "bustitzeko" modua bailitzateke), edo jakinda ere, esatera ausartzen ez zarena, esatea libre bada ere, baina askeagoa da isiltzea, orduan, xehetasunei errepara egiezu: Egun hartan bertsolari batek botatako espresioa, leloa edo dena delakoa, Euskal Herria superpotentzia emozional bat da, hartu eta hari buruzko bromak, ez argiegiak, egin. Ez dadila garbi geldi ados zauden ala ez, alde edo kontra, baina bai umore handiko pertsona zarela.
3. Kritikak egiteko adina behin gaindituta, gurean, oso adin baxua, kritikotasuna izatea gazte izatearekin lotuta baitago –literatur kritikarien bataz besteko adina ikustea besterik ez dago–, orduan, oraindik txalotzen baita dagoenarekin tabula rassa egin nahi oldarkor eta (auto)suntsitzailea, oraindik bideragarria eta moldagarria denean, kritikak egiteko adina behin gaindituta, esaten genuen, kritikak egiten jarraitzen duzulako itxura egiten ikasi behar duzu, sistemara makurtu ez zarela sistemari erakusteko, baina sistemak, geure oldarkortasunagatik beragatik bere baitan onartu gaituenak, gu kanporatzeko arriskuez libratuta –taldearena hori baita benetako oldarra!–.
3. 1. Itxura egin eta zeure gustua gehiegi ez konprometitzeko taktika, zerbait epaitu ordez, hark gugan eragiten digun sentsazioaren berri ematean datza. Zerbait gertatzeak triste jartzen gaituela esanen dugu, zerbait hura gaitzetsi beharrean. Liburu bat gomendatu ordez, ona ala txarra den erabaki ordez, delako liburua gustura irakurri dugula adieraziko dugu, bizi garen superpotentzia honetan guztiek ulertuko dute ulertu beharrekoa.
3. 2. Gauzak interesgarritzat jotzea ere bada, inor mindu gabe, benetako iritzia ordezteko metodo erraz eta kaltegabea. Twitterren askotan erabiltzen den adjektiboa da interesgarria , norbaitek zabaltzen duen lotura edo beste norbaiten adierazpenarekin bat. Zera esan nahi du: "Honek dioen edo hemen esaten denarekin ados nago, baina ez iritzi hura niri egotz diezadazuen portzentaje seguruan, horregatik haren irakurketa eta neure burua jakin-gose globalaren babespean paratzen dut". | news |
argia-c016d9536bff | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/amiantoa.html | Hiltzaile isilaren aurkako borroka Italian | Ane Irazabal | 2015-07-05 00:00:00 | Hiltzaile isilaren aurkako borroka Italian
Eternit lantegiaren arrastorik ez da geratzen, baina amiantoak astean hildako bat uzten du Piamonteko Casale Monferrato hirian. Bertako herritarrek gerra deklaratu diote mineral kantzerigenoari.
Justizia. Hori da balkoi, erakusleiho eta horma gehienetan irakur daitekeen hitza. Casale Monferratok ez du bere historia ahaztu nahi, bada, herritar gehienek galdu dute senitartekoren bat mesotelioma minbiziak edo asbestosia birikietako gaixotasunak jota. Biak dira amiantoaren hautsa arnastearen ondorio.
Eternit lantegiak modernitatea islatu zuen hamarkada luzez. Casaletar asko biziki poztu ziren Stephan Schmidheiny enpresari suitzarrak erabaki zuenean fibrozementuzko fabrika Piamonte eskualdearen bihotzean ezartzea. 2.000 lanpostu eta soldata duinak eskaini zizkien orduan. Baina iraultza ekonomiko horren B aldea hamarkada batzuk geroago ezagutu zuten. "1970era arte ez ginen hildakoak amiantoari lotzen hasi, baina minbizia kasuak epidemia bat bezala zabaldu ziren", gogoratu du Condelo Pietano Eterniteko langile ohiak.
Pietanok hogei urtez lan egin zuen amianto edo asbestoarekin, hain zuzen, 1986an Schmidheinyk fabrika itxi eta asbestozko hondakin guztiak han utzi zituen arte. Pietano ez da inoiz gaixotu, baina emaztea galdu berri du mesoteliomaren erruz. Patuaren kapritxoak? Ez, estatistika hutsa. Amiantoaren ondorioz hildako Casaleko herritarren %80k ez zuen inoiz Eterniten lan egin. "Emazteak laneko uniforme zikinak garbitzen zizkidan, denak hauts zuriz inpregnaturikoak. Ez genekien hilkorra zenik", esan du tristuraz.
Asbestoak ez du bereizketarik egiten. "Ingurune-kutsadurak barruan hartu gaitu herritar guztiak", uste du Bruno Pescek, Casaleko Amiantoaren Biktimen Senitartekoen Elkarteko bozeramaileak. Pescek biktima guztien fitxategiak kronologikoki gordeta ditu. Izan ere, 34.000 biztanleko udalerri honetan 2.000 herritar baino gehiago hil dira Eternitek botatako hauts zuriaren ondorioz. Familia bakoitzak bere istorioa dauka, baina batzuek larruz ordaindu dute Casalen bizi izana. Romana Blasottik 86 urte ditu eta senarra, ahizpa, alaba, lehengusina eta iloba joan zaizkio mesoteliomak jota. Orduz geroztik, amiantoaren kontrako borrokaren sinbolo bilakatu da Italian. "Justizia nahi dugu", errepikatzen die behin eta berriz kazetariei.
David eta Goliat
Baina justizia da, hain zuen, amiantoaren biktimek lortu ez dutena. Hainbat urtetako borrokaren ondorioz, Casaleko herritarrek salaketa bat jarri zuten Schmidheiny Eterniteko jabearen aurka, eta ingurumen eta osasun hondamendia kontzienteki eragitea egotzi zioten. 2012an Turingo epaitegiak irmoki jokatu zuen eta 16 urteko kartzela zigorra ezarri zien Schmidheinyri eta Jean-Louis Marie Ghislain de Cartier de Marchienne bere bazkideari. Epai historikotzat jo zen orduan, izan ere, multinazional handi baten jabearen aurkako lehen ingurumen zigorra izan zen. Helegite epaitegiak ere epaia berretsi zuen eta beste bi urte ezarri zizkien biei.
Baina Schmidheinyk Erromako kasazio-auzitegira jo zuen, Italiako sistema juridikoaren istantzia garrantzitsuenera, eta honek aurreko bi epaiak baliogabetu zituen. Auzitegiak ez zuen delituen egiazkotasuna zalantzan jarri, baina delitu horiek preskribituta zeudela iritzi zion. "Epailearen arabera, fabrika itxi zen unetik arazoa amaitu zen, baina hori zentzugabekeria hutsa da. Casaleko herritarrek hiltzen jarraitzen dute", salatu du Pescek. Are gehiago, adituen ustez, mesoteliomaz hildako casaletarren kopurua ez da pikorik altuenera iritsi, gaixotasuna 40 urteren buruan agertzen delako.
Aurrera begira
Nolanahi ere, Casaleko herritarrek ez dute amorerik eman eta prozesu berri bat hasi dute Schmidheinyren aurka. Oraingoan hilketa dolosoa edo borondatezkoa egotzi diote. "Mingarriena da enpresak bazekiela arnasten genuen hauts hori pozoi hutsa zela. Laborategiko arratoiak bagina bezala jokatu zuen", azaldu du mesoteliomaz gaixorik dagoen Giovanni Kappa herritarrak.
Schmidheinyren kontrako borroka irabaztea zaila egingo zaie, ordea. Munduko enpresari aberatsenen artean aurkitzen den suitzarraren familiak mundu mailako amiantoaren negozioa kontrolatu zuen XX. mendean. Asbestoa herrialde aberatsenetan debekatu ondotik, hainbat erakunde filantropiko sortu ditu eta garapen jasangarriaren banderadun egin da. Herritarrek ondo gogoratzen dute enpresaren abokatuengandik jasotako presioak."Lehenik errealitatea ukatu zuten; gero, lantegiko lan baldintzak hobetu zituztela eta langileak seguru zeudela esan ziguten; eta ondoren, langileen isiltasuna erosten saiatu ziren", azaldu du Pescek.
Casaleko herritarrek, berriz, mugimendu bateratu bat hezurmamitu dute. "Gure burugogorkeria ezaguna da Italia zabalean", uste du Bruno Pescek. Iragana eta oraina aldatu ez, baina etorkizunari buelta ematea lortu dute biktimen senitartekoek. Bada, amiantoaren ikuspegitik Italiako udalerririk garbiena bilakatu da Casale Monferrato. Herritarren borrokaren ondorioz, Erromako gobernuak garbiketa prozesu bat egin du asbestozko arrasto guztiak hiritik kentzeko.
"Batzuek diote Casaleri buruzko irudi txarra ematen ari garela, baina guk ez dugu tristura transmititu nahi, justiziaren beharra baizik", azaldu du Assunta Prato izeneko irakasle erretiratuak. Pratok senarra galdu zuen duela hogei urte, eta badaki bere ilobak ere ez daudela mesotelioma pairatzeaz salbu. Hiru belaunaldi amiantoaren hatzaparretan. Hala ere, Casaleri baino munduari begiratzen dio Pratok: "Herrialde askotan legezkoa izaten jarraitzen du amiantoak. Une honetan milioika herritar daude hauts zuria arnasten". | news |
argia-3038da2c0db3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/ehz-festibala.html | Kartel-buru handien lehiatik at | Itziar Ugarte Irizar | 2015-07-05 00:00:00 | Kartel-buru handien lehiatik at
Euskal Herria Zuzenean festibalak hogeigarren urteurrena du aurten, eta ospakizunarekin batera norabide berri bat iragarri dute: izen handiko musikarien norgehiagokatik aldendu eta talde berriak ezagutzeko aukera eskainiko diote publikoari. Uztailaren 3tik 5era bitarterako egitarau betea prest dute Lekornen, "20 urte, urtero sortzen" lelopean.
Baliteke inork pentsatu izana EHZren kartela pobreagoa dela aurten, azken urteetakoekin erkatuta. Horrela uler daiteke edo ez, baina talde entzutetsuen ausentzia espresuki hartutako erabakia da. Hogeigarren urteurrenaren karira, festibala birpentsatu eta proiektua berritzeko tartea hartu baitu antolakuntzak, haien oinarrietara eta baliabideetara hobeto egokitzeko.
"Proiektuari buelta eman eta aurrerapauso bat egin nahi izan dugu", azaldu du Pauline Guelle EHZ elkarteko lehendakariak. Irailean festibaleko laguntzaileekin bildu zirenean jarri zuten mahai gainean proposamena: festibala eremuz txikitu eta aurrerantzean afixa-buru handirik ez ekartzea. Azken urteetan festibala nola handitu den ikusita, eta batez ere ekonomikoki haien baloreekin –"internazionalisa, antikapitalista, euskararen eta euskal kulturgintzaren aldekoa, bertako produktuekin konprometitua, justizia sozialaren aldekoa…"– gehiago bat ez zetorrela ikusita erabaki dituzte aipatu aldaketak. "Bilboko BBK Live edo Biarritzeko BIG Festivalen pareko festibaletatik ezberdindu nahi izan dugu, eta gure publikoari esan ez garela panorama komertzial horren lehian sartzen".
EHZk beste eredu bat proposatzen duela dio, festibaleko laguntzaileen lanean oinarritzen dena eta sorkuntza artistikoaren sostengua, ikusgarritasuna eta sentsibilizazioa xede dituena.
Proiektu berritua
Kontzertu eredua aldatu eta aurkikuntza musikalaren aldeko apustua egiteaz gain, festibalaren gunea txikitu eta eskaintza osoa Lekorneko gazteluaren aitzinera eraman dute. "Ez da gehiago bereizketarik izanen kontzertu, konferentzia eta ikus-entzunezkoen artean", azaldu du Guellek. Sorkuntza-diziplinen arteko mugak hautsi eta publikoa elkarrengandik hurbilago egotea lortu nahi dute horrela.
Egitaraua osatzerakoan aurten lehentasuna eman diete talde militanteei eta kalitatezko musika egiten dutenei. "Horregatik gure kartelean ez da izen ikaragarria duen talderik, baina kalitate handia dago", adierazi du Guellek. Egitaraua musika kontzertuek mamitu arren, izango da besterik, eta kale-animazio, antzerki eta dantza saiorik ez da faltako.
Hausnarketa politiko eta kulturala sustatzen jarraitzeko, ondorengo gaien inguruko konferentziak prestatu dituzte: emakumeak eta sorkuntza, Kurdistango egoera, espetxearen eraginak norbanakotik kolektibora, Greziako aldaketa-aukerak bide instituzionalean eta Afrika eta Euskal Herriko deskolonizazio prozesuen mahai-ingurua.
Hogei urtez
"Arrosako esku kolpez, Idauzeko esku hartzez, Heletako esku lanez, Lekorneko esku zartez, izan naiz 20 urtez". Horrela jaso dute EHZren ibilbidea antolatzaileek urteurrena ospatzeko idatzi duten abestietako batean. Hasieratik Ipar Euskal Herriko barnealdeko herrietan egin da festibala, kostaldeko eskaintza zabalagoa orekatzeko asmotan; 1996an Arrosan jaio eta bertan zortzi urtez izan zen, hurrengo bost urtez Idauze-Mendin, lau urtez Heletan eta 2012tik Lekornen egiten dute.
Urtez urte iparraldean festibal aitzindaria bilakatu dela argi dio elkarteko lehendakariak. Arrakastaren gakoak urteetan zehar lan taldeen eta populuen arteko zubi lanean eta bereziki, baloreen inguruan beti mantendutako eztabaidan antzematen ditu Guellek. Haren hitzetan, "EHZ betidanik esperimentazio gune izan da, non gazteek gizarte 'ideala' esperimentatzen ahal duten". Uneoro egoera sozialari eta ideia berriei adi egoteak eman die indarra festibalarekin aurrera egiteko.
Kontzientziazioa erroan
Guellek uste du EHZk oinarrian dituen ideiak gizarteratzean eta kontzientziazioan ekarpen handia egin duela bi hamarkada hauetan, eta funtsean, hori dela festibalaren erroa. "Beti bete izan du alor anitzetako militanteen topaleku-funtzioa eta era berean, festibalean ikusitakoan sakontzeko eta Euskal Herriaren eraikuntzan lan egiteko bultzada gisa balio izan du".
Bide guztia ez da leuna izan ordea, eta izan da festibala kinkan jarri duen oztoporik: "Hastapenetan abertzaleen arteko zatiketa izan zen, Heletan ekaitza izan genuen gero, ekonomikoki zailtasunak ukan ditugu, eta bestetik, antolakuntzako zenbait kide preso eramanak izan dira".
Festibalaz gaindi
EHZ elkartearen jarduna ez da festibaleko hiru egunetara mugatzen. Horren erakusgarri da EHrZ lehiaketa; kultura gutxitu edo hizkuntza minorizatuetako taldeei leku egiten dion topaketa. Iaz 15 naziotako 90 taldek eman zuten izena eta horietatik 11k jo zuten festibalean. Orain arte, bertako taldeak bultzatzea izan da EHrZen lehentasunetako bat, baina aurten, atzerriko musikariei ere dei egin diete.
Bestetik, urte guztian proiektuaren oinarriak zabaltzen jarraitzeko ekintzen artean, EHZinemaldia ere antolatu dute aurten Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hainbat tokitan, film emanaldi eta eztabaidak uztartuta. Hogeigarren urteurrenaren harira, hainbat film labur egin berri dituzte eta irail-azaroa bitartean, Uztaritzetik hasita Gaztetxe tourra egin zuten. Bi hamarkada hauetako ibilbideak utzi dituenak artxiboan jasotzeko bi urteko lana ere izan dute esku artean.
Lekornen, Baionatik kilometro gutxira, izanen da zita uztailaren 3tik 5era. Norabide berriari engaiamenduz helduta, atzera barik, aurrera begira eginen dute festibalaren 20. edizioa: "Inongo nostalgiarik gabe, proiektu berri batekin ospatuko dugu urteurrena". | news |
argia-9351407d3caa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/sasiak-ere-begiak-baditik.html | Iru�ea besterik | Aritz Galarraga | 2015-07-05 00:00:00 | Iru�ea besterik
Aingeru Epaltza
Sasiak ere begiak baditik
Elkar, 1986
Bada, iruindar maiteok, Asiron alkate izendatu izana baino amesgaizto gaitzagorik: adibidez, Pedro Mari Arrieta baztandarrak Hiri Buruzagian bizi izan zuena, pastiza deskubritu ziotelarik. Ordura arte, aldiz, kalma. Karanbola bitxi xamar batengatik: tropa karlistetan soldadu soil, teniente ospedun izatera pasa zen, bataila baten ondotik, liberalekin. Hau, orduan, Iruñea, zer bilakatu zitzaion: "Don Kaxildok bere predikuetan aipatzen zigun Jerusalem eta Babiloniaren pareko zen ikusitako oro". Dena berri, dena zoragarri, dena gogo-izpirituarentzako laketgarri. Eta gorputzarentzako, Urrezko Eskalapoina izeneko kantinara egindako bisitak kasurako. Nor harrituko da gero: "Ez dut leku zoragarriagorik ezagutu Iruñea besterik".
Baina ez da ehun urte irauten duen zorionik –ez eta, zorionez, errejimen foral ustelik–. "Ederra zen, bai alafede, Torres tenientea izatea!". Harrapatu egingo dute, ordea, karanbola bitxi hartan atzean utzitako diru moltsa kozkorragatik: "Ez zekiat oraindik zer haizen, zorte oneko ergel bat ala egundo baino zakurragoa". Eta izango zuen akaso Arrietak arbaso kanidorik, lortzen baitu berriz eskapo egitea, kasu honetan Euskal Herriko hiriburu historikoa omen denetik. "Antzerki txar batetako komeriante txirtxila senditzen nintzen une hartan".
Bertan kontatzen zaizkigun pasarteak lehen karlistadako bukaerari dagozkion arren –hala diosku irakurlearentzako zenbait argibide dakartzan sarrera modukoak–, liburu osoa zeharkatzen du umore lerro benetan irringarri batek. Adibide ugari ekar liteke, baina, barre ederra atera zidan esaterako, hasiera partean, Zumalakarregi hiru urtean hila dela, "Don Tomas Zumalakarregi, izan bedi gure nagusiko!" oihu egiten duenean Arrietak, auskalo zer jeneral berri agertzen zaienean parean. Haatik ere, kontakizunak badu hausnar sakonagorik, adibidez, gerrari buruzkoak, karlistak noski, susmoa dut ez bakarrik: "Hamabortz urte antsu zeramaat alde batetik bertzera iraultza delako baten alde", edota "gerlaren akaberan etxera ailegatzen haiz (…) zorte ona izanez gero, atera hintzen bezain osorik, baina baita atera bezain esku huts ere". Konpletoa iruditu zait eleberria oso, Aingeru Epaltza artean gaztetxo baten lehena izateko.
1985. urteko Iruñeko Udalaren literatur sari, noizbait desagertu zen golardo hori, auskalo amesgaiztoa eta ametsa nahasten duten horien eskutik. Eta seguru Epaltza gaztetxoak ere izango direnez egun, zer hoberik, udal gobernu berriarekin euskal idazle belaunaldi berriak aterako balira, Epaltzarenaz gain, Alonso, Aranbarri, Lizarralderena ere baden hiri horretatik. | news |
argia-4898e8ad8f6f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2468/trantsizio-energetikoaz.html | Trantsizio energetikoaz | I�aki Barcena | 2015-07-05 00:00:00 | Trantsizio energetikoaz
Ekologismoak azken 50 urteetako ibilbidean bi ardatz nagusi izan ditu, biak banaezinak. Alde batetik, baliabide energetikoen krisia Antropozeno deitu berri den aro geologiko laburrean, eta bestetik, erregai fosilen konbustio hazkorragatik sorturiko beroketa efektua, horrek dakarren aldaketa klimatikoarekin. Arazo bi, trantsizio bat.
Trantsizioa zergatik? Sostengarritasuna ez delako aukera gizateriaren eta biosferaren jarraipenerako, ezinbesteko prozesua baizik. Bestela: kaosa eta anabasa. Mad Max-en eszenatoki krudela eta bortitza. Dagoeneko gerra asko ezagutu dugulako energiaren liskarrengatik, Ukrainakoa azkena. Eta erregai eta lehengai fosilen agorreriarengatik. Amalurra erraldoia da, baina mugak ditu eta petrolioaren erdia kontsumitu dugu jadanik (peak oil). Hemendik aurrera erregai fosilak garestiagoak, toxikoagoak, kaxkarragoak eta lortzeko zailagoak izango dira. Eta petroliorik gabe zer?
Kubaren adibidea. Uharte karibearrean petrolioaren falta nabarmena bizi izan zuten, 1989tik aurrerako Sobietar Batasunaren gainbehera izan zela eta, laguntza ezagatik eta Amerikako Estatu Batuen blokeoarengatik. Epealdi berezi horretan eta 90eko hamarkadaren erdira arte, kubatarrek gauza ororen gabezia pairatu zuten. Itzalketak eta garraio eskasia, janari eta garbiketarako artikulu oinarrizkoen falta. Pisuan, batez beste, kubatar bakoitzak 5,5 kilo galdu zituen "epealdi berezian". Baina atera ziren. Venezuela eta Chavez-en laguntza etorri arte, borondate politikoaz eta jakinduri tekniko-intelektualaz, sozialismo kubatarrak asmatu zuen herritarren arteko elkartasuna, nekazal iraultza permakulturala eta aldaketa sozio-politiko-administratiboak martxan jartzen. Konturatu ziren energetikoki oso menpekoak zirela (eta oraindik ere badira, energia berriztagarrietatik %4a besterik ez baitute ekoizten). Horrexegatik iraultza energetikoari ekin diote, 10 CUC billetea horren bozeramale dute. Ikasi dute, Errusiakoa bezala, Venezuelako petrolioa buka daitekeela.
Eta gu? Euskaldunok ere oso menpekoak gara. Zor izugarri handia eta goranzko pobrezia energetikoa ditugu baina ez gara lar kezkatzen. Teknokratek diote zer edo zer topatuko dugula petrolioaren ordez. Eguzkia energia iturburu "amaiezina" dugu, egia. Baina energia berriztagarri orok mugak eta inpaktuak dituzte. Trantsizioan, deshazkunde sostengarriaren bidetik ibili ahal izateko, energia eredua aldatu beharra daukagu. Erronka itzela. Gure artean ere, gero eta eragile gehiago gaude trantsizio energetikoaren alde. Baina nortzuk daude aurka? Hor dago koxka. | news |
argia-9b5f98dc787c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/politika-berria-telesailetakoa.html | Politika berria? Telesailetakoa | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2016-07-17 00:00:00 | Politika berria? Telesailetakoa
Fikziozkoak diruditen politikariekin aspertuta zaude, baina biak bananduta, fikzioa eta politika, atsegin dituzu? Zorionekoa zu, azkenaldian telesail politikoen loraldi txiki bat bizitzen ari baikara. Euskal Herrian tradizio txikia du generoak, baina gaiak pizten dituen pasioak kontuan izanda, akaso atzerriko ereduek emango dute pistaren bat une honetan fikzioz umezurtz dagoen Euskal Telebistan zerbait berria sortzeko.
Ezin lehiatu Goenkale erraldoiarekin, baina bere laburrean, ETBn ikusi ahal izan ditugu agintari politikoak protagonista dituzten bi ekoizpen esanguratsu. 1980ko hamarkadara bidaiatu behar dugu lehenbizikoa begiz jotzeko: Bai, ministroa BBCko ekoizpena euskaraz bikoiztuta ikusi ahal izan zuten telebista autonomikoaren aurreneko ikusleek, baita haren jarraipen gisa pantailaratu zuten Bai, lehen ministroa ere. Hamar bat urte geroago inauguratu zen euskarazko telesail politikoen etxeko produkzioa. Asmatu duzu, 1997an estreinatu zen Jaun ta jabe ri buruz ari gara: Eneko Olasagasti kapitain zuen taldeak Ajuria Enea okupatu zuen eta komediak hain ondo funtzionatu, ezen zenbaitek pentsatzen baitu Lizarra-Garaziko akordiorik ez zela posible izango Arizkorretaren Gernikako piperrik gabe. Zerrenda hor bukatuko zen, duela gutxi hedabide honetan Hiru Damatxo ideia faktoriak Txoministak telesaila estreinatu izan ez balu. Lehen denboraldian Errioxa zortzigarren euskal probintzia gisa aldarrikatzen duen alderdi politiko berriaren sorrera kontatu digute, The office estiloan.
Hirurak aztertuta, elkarren arteko diferentziak handiak diren arren, euskaraz emititu diren telesail politikoek orain arte bi oinarrizko osagai izan dituztela esan dezakegu: existitzen ez den edo zehazten ez den alderdi bateko kideak dira protagonistak kasu guztietan; eta politika –gai serioa inondik ere–, umorez lantzen dute.
Moko okerreko demokratak
Izango da hemen fikzioari –eta kulturari oro har– katarsi kolektiborako baliagarri izan dadila besterik ez diogula eskatzen, ez benetako gauzei buruz jardun dezala; baina harrigarria da politika hain modu sutsu eta banderizoan bizi duen herrian gaiak telesailetan tarte handiagoa ez hartu izana. Ideia originalak ez dira falta, euskal literaturari begiratzea besterik ez dago pantaila txikira egokitzeko moduko istorioak aurkitzeko; eta gainera, azkenaldian atzerrian ugaritzen ari den generoa da.
The West Wing ek zabaldu zuen 1999an azken hamarkadetako telesail politiko berrien ildoa eta zazpigarren denboraldiraino iritsi zen AEBetako Etxe Zuriko gorabeheretan oinarrituta. 2010eko hamarkadara etorrita, Black Mirror serie britainiarreko lehen kapituluak, adibidez, kontatzen du sare sozialen bidez zabaldutako mehatxu batek Erresuma Batuko lehen ministroari egin diezaiokeen, tira, "zerrikeria". House of cards izango da, dena den, ingelesez sorturiko telesail politikoen artean azkenaldian zeresan handiena eman duena: Kevin Spaceyk hezur haragiztatzen du Frank J. Underwood AEBetako kongresista demokrata gupidagabea David Fincherrek ( Seven, Fight Club ) zuzendutako telesailean.
Eta horietan jada ez dago komediarik: politikaren alde gordina erakusten duten telesailak dira, thrillerretik hurbilago sitcometik baino.
Euskal Herria Italia da ala Danimarka?
Baina mundu anglosaxoia urrun dago eta, Brexit arekin edo gabe, politika ulertzeko duten modua diferentea da. Ikusle euskaldunak gure zera publikoaren antza izango duen telesail politiko bat behar baldin badu, ez du gaizki egingo erreferente europarragoak deskarg… ejem, DVDan erosita.
Jarri Danimarka, adibidez: bost milioi biztanle, hondartzara joateko klima aparta eta 26 erraustegi. Ia Euskal Herrian zaudela esango zenuke. Michael Laudrupen pase milimetrikoez geroztik, herrialdeak esportatu duen gauza interesgarrienen artean dago 2010etik aurrera emititu zen Borgen telesaila. Birgitte Nyborg hautagai moderatua du protagonista eta lehenbiziko bi denboraldietan –hirugarrena ikusi gabe uzten baduzue ere ez duzue gauza handirik galduko– lehen ministro kargua eskuratu ondoren biziko dituen intriga eta buruhausteak kontatzen ditu.
Kapitulu asko Makiaveloren zitekin hasten diren arren, Nyborg ez da botereari eusteko edozer egiteko prest dagoen horietako bat. Politikaren alderdi humanoa erakustea du telesailak bertute, kargua eta familia uztartzeko zailtasunak adibidez –protagonista gizonezkoa balitz gaia planteatuko ote zuten, beste artikulu baterako utziko dugu–.
Nolakoa litzateke euskal politikari buruzko thrillerra? 'Borgen' eta ' 1992 ' inspirazio iturri onak izan daitezke
Bada zerbait, halere, Borgen ikustean nahiko sinesgaitza gertatzen dena hemendik begiratuta: Euskal Herriko politika ez da hain "garbia". Espainiako Estatuarekin alderatuz kultura demokratikoan traineru batzuetako aldearekin irabazten dugula sinetsita bizi gara, baina Danimarkarekin konparatuz akaso ez gara hain galant ageri. Eta azkenaldian albistegiek ustelkeria kasuak jai eta aste kontatzen dizkigutenez, gehi, Euskal Herria Italia dela zientifikoki demostratzeko asmoz lanean ari den elkarte bat ere martxan denez –jarraitu @ EHitaliaDA Twitterren–, 1992 telesailari erreparatzea izango da onena.
Politikari ustelak, enpresariak, eskupekoak, hondoratzen ari den alderdien sistema… 1990eko urteen hasieran ezagun samarra egiten zaigun koadro batean murgilduta zegoen Italia. Garai hartan bizi dira telesaileko protagonistak: Di Pietro fiskalaren bulegoan lan egiten duen polizia, enpresari handi baten alaba, Lega Nord alderdi ultraeskuindarrean lekua aurkitzen duen Golkoko Gerrako beteranoa edo gaztetan komunista izan ondoren publizitate munduan bukatu duen exekutibo agresiboa, besteak beste.
Urtearen kronologiari segituz kontatua, pertsonaietan oinarritutako serie honetan inor ez da errugabea, ustelkeriak dena zipriztintzen du eta joko horretan sartu ala ez erabakitzea da geratzen den aukera ia bakarra. Baina, era berean, dena oso azkar aldatzen ari da eta egoera berriak esperantzak sortzen ditu. Duela bi hamarkadako Italian, zerbait berria ekarriko zuelakoan, italiar askok Silvio Berlusconi izeneko zaldiaren alde egin zuten apustu. Il Cavaliere ren genesi politikoaren kronika gisa ere ulertu daiteke lehen denboraldia: nola hasi zen dena aldatzen, funtsean deus aldatu ez zedin.
Ezaguna egiten? Ez da izango hemen antzekoa gertatzen ari dela uste duzuelako? Gutxienez honelako ekoizpenak egiteko probestuko balitz, zerbaitek arinduko liguke politikaren pena. | news |
argia-c38b3d202f1a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/herriz-herri-zabalduz-doa-gipuzkoa-zutik.html | Herriz herri zabalduz doa Gipuzkoa Zutik | Estitxu Eizagirre | 2016-07-17 00:00:00 | Herriz herri zabalduz doa Gipuzkoa Zutik
Maiatzaren 29an errausketaren kontrako mugimenduak Donostian deitutako giza katearen ostean, Gipuzkoa Plazan kanpaldia hasi zuen Gipuzkoa Zutikek. Erraustegia sinbolo hartuta, bizitza eredua bera birplanteatzea proposatu zuten, gaiak uztartuta jorratuz. Ekainaren 23an asanbladan erabaki zen fasez aldatzea: Donostiako kanpaldi formatua utzi eta herri bakoitzak bere Zutik asanblada eta dinamikak sortzea. Ordurako Debagoiena Zutik, Oiartzun Zutik, Orereta Zutik... eratuak ziren. Geroztik, 20tik gora herri batzen dira 10 Zutik asanbladetan (batzuk eskualdeka biltzen dira) eta makina bat ekintza egin dituzte. Udan hauspotzen jarraituko dute eta udazkena bero etorriko dela aurreikusi daiteke.
Kalean, asanblada publikoak deitu eta unean-unean bildutako herritarrek hartzea erabakiak, hori izan da Gipuzkoa Zutiken oinarrietako bat. Lehen asanbladan arau ere hau adostu zen: "Inork ez du inor behartzen, ez mugatzen". Oinarri zabal baten gainean, autonomiaz funtzionatzea ekarri du horrek. Oinarri horiekin koherentzian, herri bakoitzean asanblada deialdiak sortuz joan dira. Lehen deialdia egin duten herritar gehienak Donostian gorpuztu zen Gipuzkoa Zutiken parte hartuak dira, batzuek asanblada pare batean, beste batzuek kanpaldian ere bai. Herri bakoitzak erabakitzen du unean unean zer egin, zer gairi heldu bere herrian, baita bizitza eredua jorratzeko sinbolo bera mantendu (erraustegia) edo besteren bat hautatu.
Herrietako faseak ekarri du Gipuzkoa Zutik biderkatzea parte-hartzean: herri handi (Tolosa) eta bailaratan (Buruntzaldea, Debagoiena) 100 lagun batzen dira asanbladetan. Herri txikiagoetan 20-40 kide artean batzen dira. Eta herritar askoz gehiagorengana modu zuzenean iristen da Gipuzkoa Zutiken eragina, nork bere herriko kalean topo egiten baitu asanblada eta ekintzekin. Esperientzia aberasten jarraitzea ere ekarri du eta ekarriko du, herri bakoitzean hartzen duen forma aniztasunak.
Oso orokorrean bada ere, herri bateko eta besteko kideekin mintzatu ostean, esatera ausartuko gara asanbladetan gaztetasuna dela nagusi, baina denetan beterano multzoek (40-60 urtekoak) ere parte hartzen dutela. Elkarlan hau oso positibo baloratzen dute batzuek eta besteek. Herri eta bailaretan lehendik mobilizatu gabeko jendea ere bertaratzea lortu dela eta "betiko koadrilaz" gaindiko harremanak sortzen doazela kontatzen dute.
Orriotan, herri bakoitza zertan den, ideia nagusiak biltzen saiatu gara. Aldez aurretik barkamenak euren berri iritsi ez zaigun herri eta bailarei, eta beren berri bidaltzeko gonbidapena luzatzen dizuegu: [email protected].
Anoeta Zutik: kanpaldia uztailean
Uztailaren 2an egin zuten lehen asanblada, eta uztailaren 11rako kanpaldia abiatzea erabaki zuten: "Jendearen nahiaren eta gogoaren araberakoa izango da, eta ikusiko da zenbat irauten duen" diote.
Orereta Zutik: jaiak helburu
Hastero biltzen da Orereta Zutik. Orain arte, Madalenetan (uztailaren 21ean hasita) egingo dutena prestatzera bideratu dituzte indarrak. Jaietako lehen eguna eta Koadrilen Eguna hautatu dituzte, pankarta eta ekintzak kaleratzeko. Antzerkia ere lantzen ari dira: Marierrauskiñerekin herrian bisita gidatua egingo dute.
Oiartzun Zutik: Auzoz auzo
Ekainaren 20an egin zuen lehen asanblada eta geroztik asteroko erritmoari eutsi dio. Uztailaren 1eko asteburuan kanpaldia egin zuten Altzibar auzoko San Pedro jaietan. Udan zehar bide honi eustea espero dute, auzoz auzo eramango dutela bizitzaren aldeko aldarria, festak baliatuz. Altzibarko kanpaldian erreka garbitu zuten, ekintza zuzen positiboen bidea irekiz.
Zumaia Zutik: informatzera
Ekain bukaeran ekin zion asanblada biltzeari eta uztailaren 2an egin zuten lehen ekintza, erraustegiak osasunean izango duen eragina salatuz: adin guztietako herritarrak lurrean zerraldo, maskarillak ahoan, erdian erraustegia zutela. Herritarrak erraustegi proiektuaren inguruko alorrez informatzea hartu dute helburu, eta hurrena landuko dituzten gaiak ekonomikoa eta birziklapena dira. Formatu anitzak ari dira aztertzen horretarako: erakusketa, informazio puntu ibiltaria, kalean hitzaldiak antolatzea... abuztu bukaeran kanpaldia egiteko aukera ere esku artean dute.
Buruntzaldea Zutik: ekintzak ardatz
Sei herri biltzen dira bertan (Usurbil, Lasarte-Oria, Hernani, Urnieta, Andoain eta Astigarraga). Asteroko dinamikari eustea erabaki dute, aste batean asanblada eta hurrengoan ekintza txandakatuz. Asanblada aldiro herri batean egitea adostu dute, eta herri horretakoek hartzea berau antolatzeko ardura. Hurrengo asanblada uztailaren 19an egingo dute Usurbilen, 19:00etan.
Debagoiena Zutik: irailean asanblada
Kanpaldia egin zuen lehen herria izan zen (kontzentrazioan 400 herritar batuz), artean Gipuzkoa Zutik Donostian zela. Horrela, herrietarako fasea zabaltzen lagundu zuten. Debagoienako zazpi herri batzen dira bertan. Udan herri bakoitzak bere herriko festetan pankartekin presentzia landuko du eta irailaren 3an, larunbata, bilduko da berriz ere Debagoiena Zutik asanblada: Mankomunitate aurrean, 10:00etan.
Tolosa Zutik: ekintzak zehazten
Asteroko erritmoari eutsio dio Tolosak ere. Lehen asanbladatik inguruko herrietako kideak ere bildu dira, horregatik ari dira aztertzen ea Tolosa izena edo Tolosaldea den egokiago, baina beti ere harreman horizontalak oinarri izanda: inguruko herrietan sortu daitezkeen taldeekiko, besteak beste. Ekintzak zehazten ere ari dira.
Azkoiti Zutik: lehen ekintzan atxilotu bat
Ekainaren bukaeran deitu zuten lehen asanblada eta uztailaren 2an Gipuzkoako Batzar irekiak Azkoitian bildu zirenean, elkarretaratze musikatua egin zuten. Atxilotu egin zuen ertzaintzak herritar bat eta uztailaren 19an egingo diote epaiketa azkarra.
Azpeiti Zutik: lehen urratsak
Ostegunero 19:00etan batzen da asanblada herriko plazan. Zer den Azpeiti Zutik eta zein ekintza egingo dituzten zehazten ari dira. Azkoitiko kidearen epaiketan elkarretaratzea egiteko deialdia ere egingo dute.
Zarautzen, Zutik aurreko lanketan
Hainbat bilera egin dituzte herritar talde batek, eta hainbat ekintza egin ere bai: informazio orriak banatu, eta Malekoian besarkadak eskaini: errausketa bai edo ez, bakoitzak erabaki dezala zer besarkatzen duen. Ekintza hauek Zarautzen ere Zutik izenean sinatu dituzte. Lehen asanblada irekia noiz eta nola deitu, nola azaldu, lantzen ari dira (Zarautz Zutik litzatekeena). | news |
argia-7740106d7827 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/udal-legea.html | Udalerri euskaldunek badute aterpea | Onintza Irureta Azkune | 2016-07-17 00:00:00 | Udalerri euskaldunek badute aterpea
Eusko Legebiltzarrak apirila hasieran onartu zuen Euskadiko Toki Erakundeen Legea (Udal Legea ere deitua). Legearen lehen zirriborroan euskararen atalik ez zegoen. Atala sortu zutenetik legean sartu denera pauso galanta eman da. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hala dio bere balorazioan: legeak helburutzat hartu du toki administrazioan euskara erabat berreskuratzea, udalak eredu eta aitzindari izatea eta euskararen garapena galarazten edo oztopatzen duten trabak alboratzea. Legearen garrantziaren jakitun, Espainiako Gobernuak pasa den astean adierazi zuen hainbat artikulu legez kanpokoak direla. Legearen indarguneak eta ahulguneak aipatu ditugu ondoko lerroetan.
Zer du on?
Udalek eskumena dute
Euskara udal eskumena badela jasota UEMAren izaera aitortzen da. Lehen udalek euskara eskumenik ez zutenez, esaten zitzaien ez zutela euskara zerbitzuak eskaintzeko mankomunitate bat sortzerik. Ez zen UEMAren kontra zuzenean jo, baina hainbat udalek arazo juridikoak izan dituzte, besteak beste UEMAko kide izateagatik. 2008an, arazo horiek saihesteko, UEMA euskara zerbitzuez gain bestelako zerbitzuak eskaintzen hasi zen. 2014ra arteko bakea izan zuten eta urte hartan Carlos Urquijo EAEn Espainiako Gobernuaren ordezkaria errekurtsoak jartzen hasi zen berriz. Orain, atzera egin du.
Derrigorrezko elebitasuna gainditu da
Zenbait mugarekin, baina udalak euskara hutsean aritu daitezke. Udal Legeak 1982ko Euskararen Legearen planteamendua gainditzen du. Lege horrek toki administrazioak bi hizkuntzetan egitera derrigortzen ditu. 1982ko Legea batik bat udalerri erdaldunei begira egindakoa da, euskara ziurtatu ahal izateko. Alderantziz, besteak beste UEMAk eskatu izan du udalerri euskaldunentzat lege babes berezia izatea. Bada Udal Legeak, neurri handi batean, euskara hutsean aritu nahi duten udalerri euskaldunak babesten ditu.
Udal Legeak Euskararen Legea berrikusteko beharra are ageriagoan jarri du mahai gainean.
Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egin beharra
Hirigintza plan batek edo beste edozein esku-hartzek eremu jakin batean hizkuntzan eragin dezakeela aurreikusiz gero legeak ebaluazioa egitera behartzen ditu toki administrazioak. Ebaluazioa legean sartu izana pauso ikaragarria iruditu zaio UEMAri, kontuan izanda ebaluazio tresna sortzeko lehen pausoak duela hiru bat urte eman zirela. Alabaina, ebaluazioa egitea onartu bai, baina gauza asko zehaztu gabe daude, besteak beste, nork erabakiko duen eragin linguistikoa izango duen ala ez, zein ebaluazio tresna aplikatuko den, eta neurri zuzentzaileak nola hartuko diren. Bestalde, Legearen akatsen zuzenketen orduan tresna udalerri guztietan edo udalerri euskaldunetan soilik aplikatuko den argitu beharko da, gaztelaniazko bertsioak eta euskarazkoak ez baitiote gauza bera.
Kontratazioetan hizkuntza irizpideak jarri ditzake udalak
UEMAko udalei kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezartzea errekurritu zieten, argudiatuz kontratazio prozesurako legea Espainiar Estatukoa dela. Udal Legeak ordea, udalei eskumen hori eman die zerbitzu publikoa eskaintzeko kontratazioak egiten dituztenerako. Adibidez, kiroldegia esleitzerakoan hizkuntza irizpideak ezarri ahalko ditu udalak. Aldiz, zalantzazkoa da berdin egin dezakeen obra publiko bat esleitzerakoan, kasu horretan herritarrekin harreman zuzenik ez baitago.
Zerk egiten du traba?
Zinegotziak ez badaki euskaraz?
Udal Legeak euskararen aldeko erabakiak mugatzeko joera du. Esate baterako, udal barneko jarduera euskara hutsean izan daitekeela dio, baldin eta hautetsiak gai badira euskaraz moldatzeko. Beraz, hautetsien hizkuntza gaitasuna muga modura planteatzen da, norbaitek alegatzen badu ez dakiela euskara gaztelaniaz eman behar zaio. Egia da ordea, beste artikulu batean ikuspegi positiboa eskaintzen duela eta dio zinegotziak euskaraz ez baldin badaki jakitea sustatu behar dela, nahiz eta gero ez duen zehazten sustapena nola egingo den.
Euskara hutsean bezala, gaztelania hutsean
Lehen ere administrazioen arteko harremanetan dokumentuak euskaraz bidaltzeak balio juridikoa bazuen, baina liskarrak sortu izan dira, euskara hutsez zirelako eta ez bi hizkuntzatan. Udal Legeak balio juridiko osoa eman die euskara hutsezko dokumentuei. Beraz, gaztelania hutsezko dokumentuek ere balio bera dute. Adibidez, udal batek besteari euskara hutsean bidal diezaioke dokumentua, eta besteak gaztelania hutsean erantzun.
Diru-laguntzetan hizkuntza irizpideak ezin ezarri
Bereziki udalerri euskaldunetan, arautzen ez diren gauza asko berriz ere betiko legepean geratu dira. Diru-laguntzak dira horren adibide. Diru-laguntzetan ezin ziren hizkuntza irizpideak sartu eta hemendik aurrera ere ez. Esate baterako, udalak ezin du agindu 25 urtetik beherakoentzat ekitaldiak antolatzeko diru-laguntzak lortu nahi dituenak euskaraz egin behar duela.
Bandoak euskara hutsean?
Zehaztu gabeko beste kontu bat. Udalerri euskaldunetan herritarrekin zuzeneko harremanetan euskara hutsean aritzea zilegi da. Aldiz, zalantzazkoa da zabalkunde orokorreko testuetan nola jokatu. Adibidez, bandoa jar daiteke euskara hutsean eta ohartxoa jarri esanez gaztelaniazkoa nahi duenak udalean eskatzeko? Herritarraren hizkuntza eskubideak urratu dira?
Aurrerapauso nabaria
2015eko martxoan ARGIAk azala eman zion udalerri euskaldunak epaitegietan jasaten ari ziren jazarpenari. Orduan genioen Euskararen Legeak ez zituela babesten udalerri euskaldunak, gaztelania alboan ez bazuen euskarak bakarrik ez zuela baliorik. UEMAk Udal Legea oso lege positibotzat du, aurrerapauso handiak eman direla uste du, nahiz eta "ez den guk egingo genukeen legea, hala balitz bereziki jasoko zuen irizpide propioak jarri ahal izatea baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten udalerrietan".
Udalerri euskaldun askok arnasa hartuko dute lege berriari esker, nahiz eta badituen zirrikituak eta Carlos Urquijo EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkariak, hala nahi badu, lana izango duen. | news |
argia-9bae5e91b34f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/xabier-queiruga-pasazaite-ko-editorea.html | "Argitaletxeak dirurik ez ematea ez da ona, ez niretzat ez euskal kulturarentzat" | Mikel Asurmendi | 2016-07-17 00:00:00 | "Argitaletxeak dirurik ez ematea ez da ona, ez niretzat ez euskal kulturarentzat"
1979. Vilagarcía de Arousa (Pontevedra). 1999 urte aldean Bilbora etorri zen zuzenbide ikasketak egitera. Abokatutzan bi urteko praktikak egin zituen, baina ez zitzaion laketu. Donostian finkatu zen urte bat geroago bertako bikote-lagunarekin. Decathlon kirol enpresako langilea da egun erdiz. Beste erdian, bi haurren ardura izateaz gain, liburuak ditu pasio eta bizibide.
Ez ogibide, haatik. Pasazaite argitaletxea zabaldu zuen 2012an. Urtea amaitu orduko beste bi liburu kaleratuko ditu: Hassan Blasimen Kristo irakiarra eta Jack Kerouacen On the Road.
Editore ezohikoa. Berezia. Arraroa. Historia honetako protagonistak nahi beste izenondo har dezake. Donostiako San Telmo Museoko kafetegi-terrazan luzatu dizkiogu bostekoak elkarri. Argazkilariak adi entzun du, liburua mozkin berezi moduan azaldu digun historiaren protagonista. Pasazaiteko liburuak munduko mugen gaindi datoz, "literatura" dute izenondo. Estreinako galdera, harridurazkoa: "Nolatan editore?".
"Egiari zor, ez naiz editorea. Ez daukat editatzeko beharrezkoa den euskararen ezagutza. Familiaren edo lagunen aldetik ez daukat literaturarekin loturarik. Bikote-laguna ere ez da literaturaren mundukoa. Noski, gurasoek irakurtzeko grina sarrarazi ziguten. Horixe izan da nire txikitako hobbya", diosku solaskideak. Kirola egitea ere gustatu zaio Queirugari, errugbilaria izana da.
Argitaletxea zabaltzea aspaldi zuen buruan; 2012 urtean eman zuen urratsa, hain zuzen beste editorial batzuk ixtekotan zirenenan: "Galiziako Rinoceronte Editorako Moisés Barciari deitu nion. Ez nuen ezagutzen. Itzulpena lantzen du. Berak azaldu zidan argitaletxearen alde enpresariala. Kalkuluak egin nituen eta aurrera". Haatik, enpresak ez du diru etekinik ematen, liburuak argitaratzeko doia baino ez. Lau urte bete ditu uztailean. Bizpahiru liburu kaleratu ditu urtero: 10 dagoeneko. Denak euskaraz: "Ez zitzaidan gaztelaniara itzultzea ez bururatu ez interesatu. Hutsunea euskaraz zegoen eta dago. Beraz, izatekotan, euskaraz".
Rinoceronte Editora galiziarra ezagutzean, batez ere, literatura unibertsaleko klasikoak itzuliak zirela jabetu zen, batik bat klasiko handiak: "Itzulpena konpromisoz egina da, nolabait. Galizieraz horiek edukitzea ongi dago, ez nago aurka. Baina, badira ezezagunak diren liburu asko, itzuli gabe direnak. Horiek euskarara ere ekarri behar zirela pentsatu nuen".
Kaleratutako hamar liburuen tamainan erreparatu dugu, antzekoak dira denak. Ez da bere aukera, ekonomiak mugatzen du handiagoak argitaratzea. Kostuak geldiarazten du: "Orri gehiago egiteak liburua garestitzea dakar, itzulpena ordaindu behar delako. Gehienez, 220-230 orrialdetan doitu behar izan dut; 14-16 euroko prezioan. Itzulpena izateko ez da garestia, liburuek gehiago balio dute normalean".
Queirugak ez du deus irabazten, ezta galdu ere: "Batzuek triatloiak egiten dituzte, mendiko martxak edo surfa... Nik gustuko autoreak argitaratzen ditut euskaraz. Baina, argi gera bedi, ez dut hobby bezala hartu nahi. Hobe gehiago argitaratuko banu eta ogibide bihurtu. Niri ekonomikoki ez dit deus uzten, eta hori ez da ona editorearentzat, ez euskal kulturarentzat orobat. Ahalaz, nahiago nuke honetaz bizi".
Pasazaite editorialak lan profesionala egiten du, baina editorea ez da profesionala: "Dena den, ez altruismoa ez boluntarismoa ez dira onak. Igual nekatzen naiz eta bizimodu hau aldatu behar dut".
Editore berezi honek proiektua iraunaraztea lortu du eta pozik dago. Ez da gutxi, liburuaren mundua ikusita: "Beste bi urterako indarrean aurreikusten dut proiektua. Harrituta nago, urteak pasa ahala liburuak saltzen direlako. Editorialak ixten ari diren garaiotan, editoriala ezerezetik ateratzea ez da gutxi. Areago: idazle berriek eta itzultzaileek morroi hau nondik agertu den galdetzea eta interesatzea, ez da gutxi. Besteak beste, jatorriz bertakoa ez naizelako".
Argitaletxearen izenak eta honen logoak (Check pointa) aditzera ematen dutenez, Pasazaitek inportazioko liburuak ekartzen ditu. Queirugaren nahia liburua muga gainditzen duen merkantzia gisa lantzea zen. Donostiako La Personnalité estudioan lagundu zioten liburuak eta webgunea diseinatzen. Diru etekinik uzten ez duten liburuen maitale honek ez du argazkirik nahi liburuen azalean, irudiz kargatu gabeak maite ditu: "Azal garbiak izateko mugakin jokatu genuen. Liburugileen herrialdeen mugak ageri dira azalean eta kontrazalean. Liburuak berez ematen du bere burua ezagutzera. Bereiz dira bestetik".
Bulegoa eta liburuen biltegia etxean ditu. Baina dena legala da: autorea, argazkigilea, itzultzailea, zuzentzailea, diseinua… den-dena ordaindua da. Alta, ez da Eusko Jaurlaritzaren ez Gipuzkoako Foru Aldundiaren logorik ageri: "Laguntza jasotzeko arauak berritu beharko lirateke. Liburuak tirada gutxieneko bat izan behar du. Nireak txikiak direnez, laguntzarik ez dut. Lehen bost liburuak offseten egin nituen: 900 ale bakoitzeko. Orain, berriz, tirada digitala da. Liburua pixka bat garestiagoa da, baina tirada txikiagoa: 300 hasteko. Salduz gero, beste 50 eskatu eta segi aurrera". Editore asko digitalean ari da egun. Gaztelaniazko tirada 2.000 ale ingurukoa da. Arriskurik ez, beraz.
Elkar enpresa banatzailearen bidez zabaltzen du tiradaren parte bat. Gainerakoak berak eramaten ditu dendetara. 5.000 liburuki ekoitzi eta ia denak saldu ditu. Adibidez, bigarren edizioaren Muskuiluak afaltzeko (Birgit Vanderbeke; Ainhoa Irazustabarrenak itzulia) 900 aleak salduta dauzka: "Kalkulu zorrotza egiten dut. Aurrekoak dirua eman badu, gastuak kitatu eta beste edizio bat prestatzen dut. Irakurketa klubetan ongi funtzionatzen dute Pasazaiteko liburuek. Literatur klubetako kideek gonbidatua izaten naiz, harreman modu goxoa izaten da. Irakurleek liburuak gomendatzen dituzte euren zirkuluetan".
Ospe oneko editorea
Pasazaitek ospe ona lortu du irakurleen artean, hasteko eta behin, editoreak itzultzaile onak inguratu dituelako: "Kostatu zitzaidan itzultzaileak aurkitzea. Guztiak ez dira horretara emanak, batzuk unibertsitatean ari dira edota prentsan. Orain arte, liburu bakoitzeko itzultzaile bat aurkitu dut, diferentea beti, autorearen hizkuntza eta gaiaren araberakoa". Xabier Queirugak hainbat hizkuntza ezagutzen du, euskara ez du guztiz menperatzen, baina itzultzaile eta zuzentzaileez fio dela dio: "Konfiantza osoa daukat eurengan. Itzuli. Irakurri. Aldaketak berrikusi, itzultzaileak ontzat eman eta argitara ematen dut".
Liburuaren egile eskubideek %8 balio dute. Egileek badakite editoriala txikia dela, baita hizkuntza ere: "Hala ere, nik EIZIEk (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) jarritako tarifak ordaintzen ditut. Kontzientzia lasai behar dut. Horregatik muntatu nuen proiektua. Edo deitu negozioa. Negozioa da, niretzat ez, baina liburuaren gainerako egileentzat hala da bere txikian".
Internetek egin du posible bere proiektua. Munduan barrena nabigatzen du, liburuak zerrendatzen ditu, gomendioak eskatu, iritziak eta kritikak irakurri...: "Batez beste, kalkulatu dut egun bakoitzeko 15 minutu behar dudala. Aldian-aldian, egile, itzultzaile, zuzentzaile eta diseinatzaileekin ari naizenean, bi asteko lan intentsua egiten dut liburu bakoitzeko".
Hurrengo bi liburuetan ari da: Hassan Blasimen Kristo irakiarra , Ana Isabel Moralesek itzulia eta Jack Kerouacen On the Road , Iñigo Roquek itzulia. Azken horren euskarazko izenburua ez da oraindik erabakia. Bidean dago, hala ere. | news |
argia-0e38039ff84a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/irantzu-varela-faktoria-lilaren-sortzaileetako-bat.html | "Emakumeok geure desirei erreparatzen hasten garen egunean, akabo patriarkatua" | Danele Sarriugarte Mochales | 2016-07-17 00:00:00 | "Emakumeok geure desirei erreparatzen hasten garen egunean, akabo patriarkatua"
Oroz gain, komunikatzen daki Irantzu Varelak. Hainbat bideo eta hitzalditan ikusi duzu, baina, aurrez aurre berarekin topo eginda, indar berberarekin harrapatzen zaitu, eta batez ere, barrez leherrarazten.
Nola iritsi zinen feminismora?
Gogoan dut, txiki-txikia nintzenetik ez zitzaizkidala gustatzen neska izateari buruzko hainbat gauza. Adibidez, bakeroen filmak ikusten nituen eta, film horietan, izaki ezgaia zen neska beti, denean lagundu behar zitzaion, borroketan garrasi baino ez zuen egiten... Amorratzekoa zen, zeren figura horrekin identifikatzen nintzen, baina nik ez nukeen hori egingo. Handitu ahala, behin eta berriz sentitzen duzu haserre hori. Gero, iratzartze moduko bat izan zen unibertsitatea.
Kazetaritza ikasi zenuen, ezta?
Bai. Pentsa, Leioan, kazetaritza ikasten, garai haietan... Kontzientzia politikoa hartu nuen. Begiak ireki nituen eta ikusi nuen gauza mordo bat ari zirela gertatzen munduan, neuk susmatu baino askoz gauza gehiago. Era berean, ohartu nintzen zerbait egin nezakeela. Izugarri gozatu nuen. Kolpean hazi izan banintz bezala, unibertsitatean ulertu nuen ez zegoela arazotan sartzea beste aukerarik.
Gerora, kazetari jardun duzu?
Bizitza osoan nahi izan dut kazetari aritu, baina gerra-erreportaria izan nahi nuen, Rosa María Calafen eta Carmen Sarmientoren pare, eta ikasketak amaitzean, konturatu nintzen oso urrun zegoela aukera hori. Beraz, interesatzen ez zitzaidan komunikabide batean bekadun aritu baino, lankidetza-master batean sartu nintzen. Venezuelan egin nituen praktikak, eta giza eskubideen erakunde bateko komunikazio-buru jardun. Chávezek hauteskundeak irabazi eta orduantxe iritsi nintzen hara: hori bai hori arazotan sartzea. Ametsetako enplegua zen: Caracazoko biktimen familien elkartean egiten nuen lan. Besteak beste, testigantzak biltzen nituen: familia desagerrarazi zioten jendearena, torturatu zituztenena... Hor ikusi nuen aurpegi asko dauzkala bortizkeriak eta oso garrantzitsua dela horien guztien berri ematea. Salsa dantzatzen ere ikasi nuen. Gero, denbora bat pasatuta, itzuli egin nintzen.
Eta nola sortu zen Faktoria Lila?
Adiskide batek eta biok kooperatiba abiatu genuen orain dela 9-10 urte. Helburua: lankidetza, genero berdintasuna eta komunikazioa uztartzea eta jorratzea. Kazetariak ginen biak, lankidetzan arituak, eta asko interesatzen zitzaigun feminismoa. Instituzioekin eta beste hasi ginen lanean. Berdintasunarekin lotutako gero eta gauza gehiago hasi zitzaizkigun iristen eta erabaki genuen feminismoa ere ager zedila gure webgunean; garai hartan, jendeak arbuiatzen zuen terminoa. Baina hainbeste gauza ateratzen zitzaizkigun ezen pentsatu baikenuen feminismoko gauza guztiak espazio batean batzea, eta espazio hori izan zedila kaletarragoa. Horixe da Faktoria Lila. Gero, halako tamaina hartu duenez, proiektu bat da bere kabuz, eta gaur egun, proiektu horretan nabil buru-belarri.
Zer lan-ildo jorratzen dituzue?
Tailerrak egiten ditugu, aurrez aurre eta sarean. Faktoria Lilaren helburua da feminismoa itzultzea, hasiberriei begira. Emakume guztiok bizi dugu patriarkatua egunero, hamaika modutan; hortaz, gure helburua da diskurtso feminista egunerokora ekartzea. Batez ere, amodio erromantikoa eta edertasuna lantzen ditugu. Uste dut horiexek direla desberdintasunaren funtsezko esparruak.
Bizipenetatik abiatzea da gure proposamenaren gakoa. Ez dugu ezer azaltzen, baizik eta tresnak eman, norberak igar dezan. Patriarkatuan, ezinbestean sentitzen dugu modu patriarkalean; bestela, zainak mozten edo kaleak hankaz gora jartzen emango genuke eguna. Guztiz mingostu gabe bizirauteko, patriarkatuaren konplize bihurtu behar duzu; beraz, kontua da norbera ohar dadila zer-nolako konplizitateak eraiki dituen, patriarkatuan bizirauteko. Deskubritzen badituzu, jada ez dute balio, eta zu zeu askoz pertsona askeagoa eta zoriontsuagoa zara.
Zergatik iruditzen zaizkizu bi lan-ildo horiek hain funtsezko?
Badu zerikusirik konkistatu dugun guztiarekin. Legeetan berdintasuna dago, hori egia da. Espainiako Estatuan, legez kanpokoa da bazterkeria, eta eskubideak dauzkagu. Hainbat mendetako borroka feministari esker lortu dugu berdintasun formala, baina, gizartean, esku-lan merkea gara oraindik, eta etxean, esklaboak gara, jarraitzen baitugu zaintza-lanen %80 musu-truk egiten. Aitzakiaren bat topatu behar zuten, hartara, lan horiek egiten jarrai zezaten halako emakumeek: ikasi, gidatu, kontu korronte bat eduki eta ekonomikoki biziraun dezakegunok. Bazirudien, horiek denak lortuta, pikutara bidaliko genituela patriarkatua, etxeko lanen inposizioa eta bigarren mailako langileak izatea, baina...
Amodio erromantikoaren ideologia izan ote da zapaltzen jarraitzeko tresna?
Ziria sartu digute: utzi dugu kontrola gaitzaten, monogamia eta heterosexualtasuna inposa diezaguten, esan diezaguten nola maitatu, nola jo larrua, eta ezar diezaguten maitasuna eta sexua elkarrekin doazela beti.
Arazo bat daukagu maitasunarekin, hori argi dago, zeren OME Osasunaren Mundu Erakundeak dio, bere bikotekideak edo bikotekide ohiak akabatzen dutela munduan erailtzen diren emakumeen erdia. Hortaz, amodioaren espazioan, dohainik zaintzeaz eta gainerako guztien beharrak asetzeaz gain, akabatu egiten gaituzte. Ideologia horren izenean erailtzen gaituzte. Espainiako Estatuko genero indarkeriaren legeak ez zaitu kontuan hartzen, salbu eta harreman sentimentala bazeneukan erasotzailearekin. Gasteizen oraintxe erail duten emakumea, adibidez, ez da genero indarkeriaren biktimatzat hartuko. Horrexegatik, eraildako prostitutak ere ez dituzte hartzen halakotzat, eta ezin uka genero indarkeria jasaten dutenik. Ideologia patriarkalari eta kapitalismoari ezin hobeto datorkio gaur egun indarrean den amodio erromantikoaren ideia. Norberak bilatu behar du nola maitatu nahi duen, nola egin nahi duen txortan, eta nahi baldin badu, lot ditzala biak.
Edertasuna ere aipatu duzu.
Oso ondo azaltzen du hori Naomi Wolfek. Hain zuzen, uste dut emakume guztiok irakurri beharko genukeela The Beauty Myth [Edertasunaren mitoa], apirilean-edo, eta gero utikan esan bikini-operazioari. Liburu horretan argi dio Wolfek: otzan nahi gaituzte. Munduko emakume guztiok gaude egiturazko zapalkuntza baten pean: zergatik arraio onartzen dugu? Bada, bestelako gauza batzuei eskaintzen diegulako energia, zeren eta gustuko suertatzea da patriarkatuaren agindu nagusia orain, eta gainerakoen gustuko izateko oso onak izan behar dugu, mundu guztia zaindu, mundu guztiaren beharrak aurreikusi eta ase; eta oso itxura oneko ere izan behar dugu, alegia, garaiak, meheak, titi handiekin, gazte betiko, ile urdinik gabe, orpoak arrakalatu gabe, onddorik ez azazkaletan, gorputzean ilerik ez baina buruan sekulako adatsa, eta kizkurrik gabea. Izugarria da, eta ezinezkoa, gainera. Nahita ipini digu patriarkatuak halako helburu bat, ez dezagun sekula lor. Mundu guztiaren gustuko izatea bazter uzten badugu, hasiko gara geure buruaren gustuko izaten saiatzen, gauza asko jarriko ditugu zalantzan, eta hortxe amaituko da patriarkatua.
Nola abiatu zen El Tornillo ?
Akaso legenda hondatuko dut, badakizu, DVDan sorta ateratzen dugunerako, baina... Komunikazioari eta iraultzari buruzko mahai-inguru batean parte hartzeko eskatu zidaten, eta han zegoen La Tuerka koa, artean ez baitzen Pablo Iglesias. Jendetza bildu zen, oso publiko maskulinoa zen, eta beraz, aukera aprobetxatu nuen, eta nire onenak eman. Zur eta lur geratu zen Iglesias, eta gero, mahaiaren osteko potean, galdetu zidan ea egingo nituzkeen bideo labur batzuk. Baietz esan nion. Hasiera batean, La Tuerkari berari kritika feminista egiteko sortu zen. Hala ere, bigarren edo hirugarren programa iritsi orduko, nahi nuenaz hasi nintzen hizketan. Sarritan, ez diot agenda politiko orokorrari jarraitzen, eta nahita egiten dut, izan ere, uste dut geure agenda daukagula feministok, eta heldu behar diogula.
Bideoen harira eraso asko jaso dituzu.
Izugarria izan zen lehen denboraldia. Bigarren programa atera orduko heriotza-mehatxuak egin zizkidaten. Halako aurreikusgarriak dira matxunoak; beti iraintzen naute berdin, nire fisikoa eta nire sexu-bizitza hizpide.
Nire sexualitatea, batetik, oso bizia da: zakil-jale, puta... Edo, bestela, ez nau inork ukitu nahi, ezta makil batekin ere. Batzuetan, esaldi bakarrean esaten didate hori guztia. Asko interesatzen zaie nire sexu-bizitza, proposamenak ere botatzen dizkidate: ea nondik sartuko didaten zakila, taldean sartuko didatela... Gero, jakina, lesbiana esaten didate etengabe, irain moduan. Nire gorputzaz, aldiz, zazpi bilioik esaten didate lodia eta itsusia naizela, eta zazpi bilioitik batek edo bik esaten dit oso ondo nagoela.
Nola egin aurre horri?
Hasieran, denak irakurtzen nituen eta esaten nuen ez zidatela eragiten. Ez da egia. Ez naiz beldur; azken batean, beldurra aukera bat da, eta ez dut onartuko. Ez naute baldintzatzen, inondik ere, baina eragiten didate, zeren eta zeuk badakizu zerbait egiten ari zarela horixe delako bidezkoa, ez duzula egiten zeuregatik bakarrik, baizik eta aski delako, eta bidegabea da horren ondorioz hainbeste eraso jasotzea, halako eraso bortitzak, gainera. Ez naute beldurtzen eta ez naute baldintzatzen, argi daukat hori; hala ere, haserretu egiten naiz.
Umorez erantzuten diezu sarri.
Eta nola erantzungo diezu, baldin eta iraintzen bazaituzte (puta, etarra, behia, feminazi), eta bi emakume erail dituzten egunean esaten badizute ea zer gertatzen den beren gizonak suizidiora bultzatzen dituzten emakume horiekin guztiekin? Sekulako arma da umorea; feminismoan ari gara deskubritzen tresna hori. Umorea erabilita, armagabetu egiten dituzu. Zuk zenbat eta barre gehiago egin, haiek gero eta gehiago haserretu. Bideoak zenbat eta sarkastikoago, matxunoen sumina orduan eta bortitzago eta handiago. Serio ari dira haiek eta zuk gero eta barre gehiago egiten duzu. Uste dut orain arte gutxietsi egin dugula umorearen indarra.
2015eko abenduan, Espainiako senaturako hautagai izan zinen, Bizkaian, EH Bildu koalizioaren eskutik. Onintza Enbeitarekin batera egin zenuen kanpaina, Kongresurako hautagaia baitzen hura. Kanpaina berezia egin zenuten, ezin uka.
Hasteko eta behin, itzel pasatu nuen, eta funtsezkoa da hori. "Bizkaitik Madrilera todo son curvas " leloarekin hasi ginen. Emakume feministak eta lodiak gara Onintza eta biok. Izugarri politikoa da hori, ez soilik geure buruak emakume feministatzat jotzea, ezpada onartzea ez garela 38 neurrian sartzen, ezta 42an ere. Politikoa da esatea ez gaudela onak, ez behintzat patriarkatuak agindu moduan. El Tornillo ri esker konturatu nintzen feminismoan beti ari garela gorputzaz, "gure gorputza, gure gudu-zelaia", baina, bat-batean, gorputza ez da halako gauza abstraktu bat; bat-batean, borrokaren parte dira Irantzuren aurpegia eta gorputza: hortxe daude, jendeak ikusten ditu... Onintzaren eta Irantzuren gorputzak mahai gainera ekarri ezean, politika egiteko aukera galduko genuen. Halaxe da, nahiz eta nekez ulertu hori gizona bazara, edo edertasun-kanonarekin bat egiten baduzu (dena den, oso emakume gutxik sentitzen dute edertasun-kanonarekin bat datozenik).
Zer ikasi zenuen kanpainari esker?
Ikasi nuen, besteak beste, zer-nolakoa den emakume izatea halako mundu batean. Sarri gogorarazten dizute emakumea zarela, zeuk zeure buruari gogorarazi baino askoz sarriagotan. Gizonak akaso harrituko dira, baina hainbat espaziotan egoten gara emakumeok, etengabe pentsatu gabe emakume garela. Halako espazio maskulinizatuetan, berriz, gizonez beteta egon ez ezik gizon boteretsuak baitira horiek, etengabeko presentzia da emakumea, nabarmena, pottoki bat bazina bezala.
Ekaineko hauteskundeetan, hautagaitza aldatu da. Zer uste duzu horri buruz?
Zenbaiti irudituko zaio apustu ausartegia zela Onintza eta biok hautagai aurkeztea, feminista publikoak biak, ahoan bilorik gabeak, baina nik uste dut zenbait gauzatan ez dela atzera egingo. Azken batean, horren guztiaren aurpegia baino ez ginen; alboan geneuzkan kide feminista guztiak, babesa ematen. Pauso bat egin zuten aurrera alderdiaren oinarriko militanteek eta alderdiak berak, eskertzekoa da, eta hainbat gauza ez dira baztertuko, hala nola feminismoa programan aipatzea, esplizituki, kanpainetan emakume feministak egotea lehen lerroan, agendan sartzea feminismoak betidanik jorratu dituen gaiak... | news |
argia-92edd9a7465f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/labana-originala-eta-benetakoa.html | Labana originala eta benetakoa | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-07-17 00:00:00 | Labana originala eta benetakoa
Suitza, 1880ko hamarkada. Armadak erabaki zuen soldaduek sakelako tresna praktiko eta eramangarria izan behar zutela. Tresnak labana izango zuen, eta poto-irekigailu bat ere bai. Gainera Suitzako soldaduek Schmidt–Rubin errifleak erabiltzen zituzten eta horiek muntatzeko bihurkina behar zen. Hala, hiru funtzioko labana tolesgarria egiteko enkargua egin zuen, baina Suitzan horrelakoak ekoizteko enpresarik ez omen zegoenez, labanak Alemanian egiten hasi ziren. Modell 1890 izena ipini zioten eta 1891ko urrian iritsi ziren 15.000 soldaduren eskuetara.
Karl Elsener (1860-1918) asmatzaileak ekipamendu kirurgikoa ekoizten zuen enpresa bat zeukan garai hartan, eta armadaren tresna atzerritik ekartzea aberriarentzako iraina iruditu zitzaion.Gailua etxean ekoiztea erabaki zuen eta Alemaniatik etorritakoaren antzeko labana asmatu zuen. Armadako hainbat kidek probatu zutenean, erantzuna ez zen txarra izan, baina zenbait kexa ere jaso zituenez, produktua hobetzen ahalegindu zen. Malguki sistema berritzailea asmatu zuen, gaur egun oraindik erabiltzen dena eta tresnak labanaren bi aldetan jartzeko aukera ematen duena.
Horri esker, arrakastaren giltza aurkitu zuen: kortxo kentzekoa erantsi zion. Janari potoak irekitzea bezain garrantzitsua zen, nonbait, botilak ireki ahal izatea. Elsenerrek armadaren labana ekoizteko kontratua lortu zuen.
1909an enpresak Victorinox izena hartu zuen. Urte hartan Elsenerren ama hil zen eta haren izena jarri nahi izan zion: Victoria. Izenari "inox" gehitu zion, labana altzairu herdoilgaitzez egina zegoelako.
Konpetentzia izen berria baino lehenago iritsi zitzaion Victorinoxi. 1893an Paul Boéchat & Cie enpresa –gerora Wenger izango zena– antzeko produktua ekoizten hasi zen. 1908an, faboritismoak saihestu nahian, eta prezioak jaisteko itxaropenez, armadak kontratua bi zatitan banatu zuen eta bakoitzari enkarguen erdiak eman zizkion. Victorinox "Suitzako armadako labana originala" izango zen handik aurrera, eta Wenger, berriz, "Suitzako armadako benetako labana".
2005ean Victorinoxek Wenger erosi zuen, baina bi markak atxikiko zituela iragarri zuen. 2013an, ordea, Wenger labanak ekoizteari utziko ziotela jakinarazi zuen, labana suitzarraren neutraltasun historikoari azkena emanez. | news |
argia-d0580ec58712 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/luxleaks-ek-utzi-ditu-gaizkileak-agintzen-eta-salatzaileak-zigortuta.html | LuxLeaks-ek utzi ditu gaizkileak agintzen eta salatzaileak zigortuta | Pello Zubiria Kamino | 2016-07-17 00:00:00 | LuxLeaks-ek utzi ditu gaizkileak agintzen eta salatzaileak zigortuta
Urtebeteko espetxe zigorra gehi 1.500 euroko isuna, Luxenburgoko agintariek mundu osoko oligarkiari zergen iruzurra nola antolatzen zien erakusteagatik. LuxLeaks epaiaren irakasgaiak dio hori dela delitu ekonomikoak salatzera ausartzen direnen saria. Pozik egon behar, gainera, fiskalaren 10 urteko espetxe eskaria saihestu dutelako herritar eta erakunde askoren mobilizazio handiari esker.
Antoine Deltour, PricewaterhouseCoopers (PwC) auditoria multinazionaleko enplegatua LuxLeaks eskandaluko informazioa kaleratu zuena, urte beteko espetxez zigortu dute Luxenburgoko sekretu profesionalen legea urratu eta data baseak legez kontra eskuratzeagatik, lapurretagatik finean. Raphaël Halet ere errudun jo dute epaiketan, hamar hilabete berarentzako. Edouard Perrin kazetaria libre geratu da. Aldiz, haiek salatutako iruzurgileak (Amazon, Ikea, Fiat, Pepsi, Apple...) oraindik inork ez ditu auzitara eraman.
Oxfamek esan du : "Zergak ordaintzetik ihes egiten dutenak indarturik atera dira epaiketa honetatik, legea beren alde jarri baita. Hemendik aurrera pertsona izugarri adoretsua izan beharko da zerga iruzurraz hitz egiteko, isun handiei edo espetxera joateko posibilitateari egin beharko baitie aurre". Garai zailak alerta jotzaileentzako, ingelesez whistleblower , gaztelaniaz alertador eta frantsesez lanceur d'alerte deituentzat.
Luxembourg Leaks edo LuxLeaks izena eman zaio Luxenburgoko ogasun publikoak auditoria konpainien bidez Europa osoko bezeroei zergak saihesteko eskainitako akordioen eskandaluari. 2014ko azaro eta abenduan ICIJ Ikerketako Kazetarien Nazioarteko Kontsortzioak plazaratu zituen LuxLeaks dokumentuak, bi alditan. 28.000 orrialde biltzen zituztenak PwC auditoriako multinazionalak 343 enpresaren enkarguz Luxenburgoko agintariekin bideratutako 548 itun fiskal. Filtrazioak erakusten zuen Luxenburgok iruzurra antolatuta zeukala eskala industrialean.
1990etik hasita Luxenburgo berezitu da finantzen industrian, atzerriko konpainia handien filialak erakarriz, paradisu fiskalen mekanika klasikoak erabilita. Luxenburgoko funtzionarioek horiei zedula berezi bidez (ATA Advanced Tax Agreement ingelesez) bermatu diete ez pagatzea zergatan etekinen %29 baizik eta %1 edo gutxiago.
Luxenburgoko ogasunaren eta filial sarez babestutako korporazioen erdian, PwC bezalako auditoriako multinazionalak. Euskal Herrian ere ezagunak dira, konpainia handien eta administrazio publikoen arteko bitartekaritzan. PwC berak esku hartu du, esaterako, Gipuzkoan Zubietako erraustegia finantzatzeko operazioan, swap toxikoen auzian; auzitara eramanik, epaileek Gipuzkoan ere irabazle utzi zuten PwC.
LuxLeaks ek erdiz erdi harrapatu zuen Jean-Claude Juncker, Europako Batzordearen lehendakari izan aurretik Luxenburgoko lehen ministroa izana 1995etik 2013 bitartean. Eskandalua piztean deklaratu zuen sekula ez zuela eskurik sartu dossier bakar batean, Gobernuaren eta konpainien arteko akordiook nazioarteko zuzenbidea errespetatzen zutela, nahiz eta justizia fiskala eta arau etiko eta moralak urratu.
Hala ere, inork ez dio eragotzi lorik Junckerri; zergetan irabazien %29aren ordez %1a ordaintzea lortu zuten konpainiek lasai ederrean segitu dute beren negozioetan, PwCk bezala; eta justiziarekin buruhausteak izan dituzte iruzurra haizatu zutenek.
Zerga ihesaren industria
Antoine Deltour Nancyn (Frantzia) aurkitu du Rue89 aldizkariak, epaiketa baino lehentxeago. Emaztea eta bederatzi urteko alabarekin bizi da. "Zigortzen baldin banaute, helegitea ezarriko dut, ez niregatik baina alerta jotzaileen alde".
PwCn gazterik hasi zen, Bordeleko merkataritza eskola amaituta. 2008ko krisiarekin jabetu omen zen Luxenburgok darabilen fiskalitate-saihestearen garrantziaz. Aldatu nahian, INSEE Estatistiken eta Ekonomia Ikerketen Frantziako Institutuan postua eskuratu lehiaketaz eta PwCri agur esan, bizi berri bati ekiteko. Ez ordea aurretik PwCko zenbait dokumentu bero hartu gabe.
Bere eskuetatik pasatako 350 ATA kopiatu zituen: "Edonor izan daiteke alerta jotzaile. Nik ez dut egin agiriak kopiatu eta kazetari bati ematea besterik. Gero gertakizunak buru gainera heldu zaizkit, bai, baina aurretik ez nuen horrelakorik pentsatu".
Cash Investigation telebista saioko Edouard Perrin kazetariak zabaldu zituen lehenbizikoz. Oihartzun handiegirik ez zuen lortu, baina nahikoa PwCk barne ikerketa hasi eta Deltour atxilotu arazteko. Komisaldegian "oso bakarrik sentitu nintzen, galdu samar" aitortu du. Nazioarteko auzi penaletan berezitua den William Bourden abokatuak gomendatu zion jada anonimotasuna mantendu ezingo zuenez, onena publikoki aurpegi ematea izango zuela. Argitara azaltzearekin afera elur bola bezala gizendu zen hedabideetan.
Milaka gutun, dozenaka elkarrizketa eskari... Hasieran pertsonalki erantzuten zuen, gero sostengu talde batek hartu zuen lana. Denen beharra izan du auzi egunak iritsitakoan. Epaiketaren gastuak ere batzordeak hartu ditu bere gain. Frantziako finantza ministro Michel Sapinek publikoki defenditu du, INSEEko arduradunak ere bai.
Deltourren defentsa beti izan da argia, lanceur d'alerte moduan aurkeztu da, etekin pertsonalik bilatu ez duen ohartarazletzat. "Harro nago salaketok ondorio zehatzak ekarri dituztelako, hartu ditudan arriskuak zerbaiterako balio izan dute. Europako arauetan aurrerapen bat egin da". Frantzian Sapin 2 legea aipatzen da, administrazioaren gardentasuna eta salatzaileen segurtasuna bermatu behar dituena.
LuxLeaks en bigarren iturriak, Raphaël Haletek , ez du zorte bera izan. Kalte-ordaina kobratuta kaleratzearen truke PwCrekin konfidentzialtasun klausula zeukanez sinatua, publikoki ezin izan du aurpegirik eman. Horrek utzi du laguntza ofizial eta finantzazkorik gabe epaiketan, eta Deltourri eman dioten Europar Herritarraren Saria gabe. Haletek auzian bertan egin du jauzia eta hasi da publikoki mintzatzen.
Deltour langile kualifikatua zen moduan, Halet idazkari xume bat zen, dokumentuak eskanerrez pasa eta kopiatzearen arduradun. Cash Investigation programan ikusi zuenean lehen filtrazioa, orduan ohartu omen zen bere lan mekanikoaren garrantziaz. Eta kazetariari dokumentu gehiago eskuratu zizkion.
Epaiketan Haletek azaldu zuen nola pasatzen zizkien ATA itunak egunero Luxenburgoko ogasuneko funtzionarioei, eta zein azkar bideratzen zituzten, hiru minututan milioika euro jokatzen zen ATA bakoitza. Munduko edozein herrialdek zergatan kobratu gabe utzitako milioi asko.
Adibidez. Walmart amerikarrak Luxenburgon, denda bakar bat eduki gabe, 64.2000 milioi dolar balio duten 22 sasi-konpainia dauzka eta 2010-2013 epean 1.300 milioiko etekinengatik %1 baino gutxiago ordaindu zuen. Industria hori antolatu zuen Jean-Claude Juncker da gaur Europako gobernuaren lehendakari. Otsoa ardion artzain. | news |
argia-ca74c0c1eb99 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/amy-goodman-democracy-now.html | "Boterearentzat baino, botereaz ariko diren hedabideak behar ditugu" | Jabi Zabala | 2016-07-17 00:00:00 | "Boterearentzat baino, botereaz ariko diren hedabideak behar ditugu"
Hogei urte bete berri ditu Democracy Now! telebista albistegiak. Irrati saio moduan hasi zen, 1996ko AEBetako hauteskunde kanpainan, eta aurten, beste kanpaina baten erdian gaude, 20 urte horiek laburbiltzen dituen liburua argitaratu berri dute. Amy Goodman aurkezle eta editorearekin izan gara, bere saioaz, hedabideen panoramaz eta hauteskunde kanpainaz mintzatzen.
Zuen saioaren izenak berak badirudi jendartean onartua dagoen ustea zalantzan jartzen duela. Ez ote dago demokraziarik AEBetan?
Herri ekimeneko albistegia gara eta, besteak beste, mugimendu demokratikoak dira gure arreta guneetakoak. Bada joera bat, atzerriko kontuez jardutean, "demokraziaren aldeko" mugimenduez mintzatzeko. Nire ustez, izendapen bera erabil daiteke AEBen baitako ekimen askori buruz hitz egitean. Demokrazia egunero lantzen den kontua da, egunero bere alde borrokatzen duzu baina inoiz ez duzu guztiz erdiesten.
Zein da hedabide handien rola? Kazetaritza zintzoa egiten dute?
Komunikabide independenteen inportanteena zera da: gerrari buruz mintzo garelarik ez dugu armagintzaren babesik, klima aldaketaz mintzo garelarik ez dugu atzean ikatz eta petrolioaren industriarik, osasun estalduraz mintzo garelarik ez dugu atzean aseguru-etxeen iritzi-ildorik. Hedabide korporatiboek bai, eztabaidatzen dute gerraz eta bakeaz eta, halako batean diote: "jarraituko dugu honetaz hizketan, baina lehenago tarte bat egingo diogu Boeing-i" edo beste armagile bati. Guk ez ditugu interes komertzial horiek zerbitzatzen, demokrazia baizik.
Eta hedabide independente batek badu publiko orokorrarengana heltzeko nahikoa indarrik?
CNN eta MSNBC kateetako hainbat saio baino jende gehiagorengana heltzen gara gu, hedabideen arteko AEBetako elkarlan publikorik handiena osatu dugu. Milioika lagunek ikusi, entzun eta irakurtzen dute Democracy Now! . Hedabide korporatiboekin lehiatzen gara, beraz, eta guk "goranzko filtrazio kazetaritza" deritzoguna sortu dugu: hedabide handiek maiz kontaktu bila deitzen digute, kaleko mugimendu batzuk ez dituztelako ezagutzen –guk bai, hasieratik jarraitu ditugulako– eta euren radar pantailara heltzen direlarik, jokoz kanpo daude, galduta, eta guregana jotzen dute.
Democracy Now! ez da soilik bestelako albisteak, albisteen beste ikuspegi bat ere bada. Zuk esan duzu: "hedabide handiek inoiz esaten ez duten zerbait esatekotan, denbora behar duzu". Interesgarria da gogoeta hori, egungo mikroformatoek eta azalkeriek ez dute balio ikuspegi "ezberdina" azaldu behar duzunean?
Batzuetan jende gehienak entzun ere egin ez duen istorio bat kontatzen ari gara eta askotan deseraiki behar izaten dugu hedabide handiek kontatu dutena. Lan handia da hori, askotan jendeak sinesten duena guztiz oinarririk gabea izan ohi delako.
"Hedabideak izan daitezke bakearen aldeko indarrik handienak, baina gerrarako arma izaten dira maizegi"
"Ahantzitako komunitateak eta kontatu gabeko berriak" jorratzen dituzuela diozue liburuan. Zergatik ez dira interesgarriak komunikabide handientzat?
Interes komertzialak zerbitzatzen dituztelako. Denbora luzez komunitate batzuk polizia bortizkeriaz kezkatuta bizi izan dira, eta bat-batean gaiak salto egiten du hedabide horietara, kontu horiengatik protesta jendetsuak izan direlako, Michael Brownen hilketagatik kasu, eta honen inguruan hazi diren Black Lives Matter bezalako ekimenak daude. Occupy mugimenduan, adibidez, milaka lagun biltzen hasi ziren Zucotti parkean eta hedabide korporatiboek ez zioten gaiari jarraipenik egiten. Baina heldu zen unea, mugimendua hain handi bihurtuta, jarraitu behar zutena. Hasieran trufa eginez: "Zer nahi dute hauek, hainbeste gauzarengatik kezkatuta batera: klima aldaketa, bereizkeria, bakea eta gerra, heriotza zigorra, LGTB aldarrikapenak... Ez dakite zer nahi duten ere", zioten. Nahaspila irudikatu nahi zuten horien diskurtsoaren ahulezia nabarmentzeko, baina manifestariek lotutako kontuak direla ikusten dutelako kezkatzen dira hainbeste gairengatik, hain zuzen ere.
Guk protesta handi horien aurretik, bitartean eta ondoren jarraitu ditugu mugimendu hauek, ibilbide osoan. Denetariko jendea elkarrizketatu dugu, baina eurek hainbeste gairi buruz hain gutxi dakiten iritzi-emaile sorta txiki eta itxia dute, guri mundua hain gaizki azaltzen... Eta horrelako gaiak soilik masa kritiko batera heltzen direlarik agertzen dute interesa.
Finantziazioa ere ezberdina duzue, jendearen ekarpenetatik jasotzen baituzue dirua.
Herri askotan jendeak bi motatako hedabideak ulertzen ditu bakarrik: publikoak eta komertzialak. Guk irabazi asmorik gabeko hedabideak ditugu, irakurle-ikusle-entzuleek euren lana estimatu eta eman egiten dute: 5, 10 edo 20 dolar... Bakoitzak ahal duena.
"Hogei urte, Amerika aldatzen ari diren mugimenduen berri emanez" du izena Goodmanen azken liburuak.
Liburua argitaratu berri duzue, zuen saioan jorratu dituzuen gai nagusietako batzuk bilduz. Zaila behar du 20 urte liburu batean laburbiltzea, ezta?
Tira, liburu gehiago idatzi ditugu azken 20 urteotan, hau seigarrena da, eta ez gara saiatu saioaren top ten bat egiten, atzera begiratzeko modu bat besterik ez da, eta mugimendu hauei begiratzeko: Black Lives Matter, LGTB mugimendua, gerraren aurkako mugimendua, etorkinen eskubideen aldekoa, soldata berdintasunaren aldekoa, klima aldaketa, heriotza zigorra...
Biran zabiltzate, liburua eta urteurrena aitzaki hartuta, herrialde osoan aurkezpenak, hitzaldiak eta elkarrizketak egiten. Nola ari da erantzuten jendea?
Ehun hiriko bira batean ibili gara eta jendearen erantzuna itzela izan da. Gure saioa ematen den irrati eta telebista estazioekin koordinatu gara, tokian tokiko ekitaldietan jaso dugun dirua beraientzat biltzeko, ez guretzat. Hedabide komunitarioak dira eta oso garrantzitsua da era honetan beraiei babesa ematea, oso garrantzitsuak direlako bakoitza bere komunitatean. Guk puntuak konektatzen ditugu, AEBetan eta munduan, Suedian, Japonian, Hego Afrikan, Europan... Gure titularrak espainierara itzultzen ditugu egunero, audioz eta idatziz. Ingelesa ikasten ari bazara, saioa entzun eta irakur dezakezu, aldi berean, edo ingelesezkoa espainierazkoarekin alderatu. Irakasle askok erabiltzen dute gure saioa hizkuntza eskoletan.
AEBek ideologia aldetik dualtasun modukoa agertzen dute munduaren aurrean: alde batetik, XX. mendeko potentzia interbentzionista eta antikomunismoaren aitzindaria; bestetik, ezkerreko mugimendu eta pentsalari aitzindari askoren sorgunea. Antikomunismoak norainoko indarra du oraindik eta noraino galgatzen ditu egun ezkerreko ekimenak AEBetan?
Hauteskunde hauetan muga asko apurtu dira, Bernie Sandersek, demokrata sozialista batek indar handia izan dezakeelako, hain zuzen ere sozialista delako. Jendea ari da oraino gauzatu ezinak ziruditen proposamenak entzuten. Nelson Mandelak esan zuen "beti dirudi ezinezkoa dela, gauzatzen den arte". Orain arte jendeak esango zuen: "Sozialista bat? Bai zera! Ez goaz inora horrekin". Bat-batean sozialista batek aurre egin dio hautagaitza nagusiari. Jendeak ez dio etiketari erreparatu, bere ikuspegiei baizik, eta ikuspegi sozialistak dira.
Hauteskunde lehia honetan badirudi lehen aipatutako dualtasuna inoiz baino agerikoagoa dela: alde batetik eskumako populista bat, arazo guztiak gutxiengoei leporatzen dizkien atsekabetutako jendearen botoak hartzen; eta bestetik, ezkerreko proposamenak dituen sozialista bat... Eta gero Hillary Clinton dago. Itxurazko polarizazio honek azken honen hautagaitzari egin dio onura?
Bai. Ez zion primarioetan onurarik ekarri, berak ez zuelako espero Sanders hain indartsu egotea, milaka lagun bere mitinetara joaten... Inork ez zuen espero. Sandersek etengabe azpimarratu du Clinton Wall Streeten preso dagoela, eta hark ez zuen erantzunik emateko beharrik izango Sandersek hain babes handia lortu ez balu... Baina lortu du eta, are orain, alderdi barruko garaipena lortu arren, Clintonek ezin die Sandersen zaleei aurre egin, behar dituelako, eta beraiek indarra hartuta daude. Clinton ez doa errepublikar boto-emaleen bila, bere erronka botorik emango ez dutenak konbentzitzea izango da. Sandersen inguruan gazteak boteretu dira, emakume gazteak batez ere. Clinton lehenengo emakume presidentea izan daitekeen arren, ez ditu emakumeak erakarri, Sandersek bai ordea. Clintonek Sandersen ikuspegietako batzuk bere egin beharko ditu sektore horiek bereganatuko baditu. Noraino hurbilduko den? Gizarte mugimenduen esku dago hori.
"Hillary Clinton
'belatz' neoliberala da"
Hedabideek, baina, Sandersi arreta gutxi eman diotela salatu duzu.
Hedabideek Donald Trump babestu dute, eta telebista bitarteko huts bihurtu da bere diskurtsoa AEBetako etxe guztietara hedatzeko. Magnatea da bera, TV celebrity bat, bere arrazakeria, xenofobia eta islamofobia ikaragarriak dira, oraino hauteskunde lehia batean ikusi gabeak. Nork esango zuen Ku Klux Klan eztabaidagai izango zenik 2016ko kanpainan? Pacifica Radiotik nator ni, duela 67 urte sortutako irrati sarea, bost irrati AEBetan, laugarrena KPFT Houston zen. 1970ean aireratu eta berehala KKK-ek leherrarazi zuen bonba batez. Berriro aireratu eta berriro eraso egin zioten. Klanak ez du nahi jendeak bere kabuz hitz egiterik. Zergatik? Norbait entzuten duzularik bere esperientziatik mintzatzen, izan palestinar ama bat edo afganistandarra edo irakiarra, mugak eta harresiak apurtzen dira. Esaten duzu: hara, nire ama gogorarazten dit, edo aita edo osaba. Gorroto taldeentzat hori mehatxua da, hori da hedabideen boterea: izan daitezke munduan bakearen aldeko indarrik handiena baina, aldiz, gerrarako arma izaten dira maizegi. Horregatik berreskuratu behar ditugu hedabideak.
Reaganek ere klanaren babesa jaso zuen 1980an, baina babes hori errefusatu zuen. Trumpek ez ordea.
Galdetuta, "gaia sakonago aztertu" behar zuela esan zuen Trumpek. Noiz entzun diozu hori esaten beste gai bati buruz? Zer aztertu behar du sakonago, klanaren zer taldek babesten duen, ez duelako KKK osoa orokortu nahi? Ikaragarria da. Bestetik, populismo ekonomikoa ordezkatzen du, badakizu, merkataritza librerako akordioen aurka dagoela dio, Sanders dagoen moduan, berak lanpostuak AEBetara itzultzea aldarrikatzen du, baina bere ekoizpen batzuk Mexikon edo Txinan egiten ditu. Kiebrara jo du behin eta berriro... Egia kontatzen duten hedabideak behar ditugu, jendeari ahotsa ematen diotenak.
Hauteskunde inkesten aurka zaude. Zergatik?
Oso oker daudelako, ez dute asmatzen, hedabideak denbora guztian horien inguruan ari dira eta, hauteskundeen ondoren zertan okertu diren ematen dute denbora. Zorakeria dirudi, baina inkestek onespena sortzen dute. Horren atzean dago gakoa, diruaren eragin ustela politikan. AEBetako hauteskunde sistemak horrela funtzionatzen du eta telebista kateek ez dute hori arazo moduan planteatzen, eurak direlako hautagaiek kanpainetarako biltzen duten diruaren jasotzaileak. Horregatik behar dira komunikabide independenteak.
Super-ordezkaririk egon ez balitz Sandersek Clinton garaitzeko aukerak izango zituzkeen?
Bai, hasieratik Hillaryk bere alde dituen super-ordezkarien kopurua erabili baitu, makila bailitzan, lehiakideak uxatzeko. Harrigarria da, baina jende gehienak ez daki nola funtzionatzen duen Alderdi Demokrataren baitako superordezkarien sistemak. Bernie Sandersek primarioak eta caucusak irabazi arren zergatik ditu ordezkari gehiago Clintonek? Bada, duela hamarkada batzuk konturatu zirelako ez zutela nahi hautagaia jendeak bozkatuta aukeratzerik, jendeak benetan nahi duen hautagaia ateratzeko arriskua baitago eta ez alderdiaren establishmentak nahi duena. Beraz, sistema bat eratu zuten, non gobernadoreak, senatariak eta alderdiaren estabilshment horretako kideak automatikoki superordezkari moduan doazen biltzar nazionalera.
"Gerragatik edo klimagatik kezkatzen direnak ez dira gutxiengoa, hedabide korporatiboek isilarazitako gehiengoa baino"
Lehengoan Alderdi Demokratari buruzko Listen, Liberal liburuaren egile Thomas Frank-ek zure saioan zioenez, alderdiak 70eko urteetan erabaki zuen ez zuela izan nahi langileen alderdia, 90etan dagoeneko Wall Streeten inguruan zebilen bueltaka eta egun erabat lotua dago. Baina egia da, bestalde, inoiz ez dela ezkerreko hautagai bat hain urrun heldu. Gerta daiteke bihar-etzi alderdiak sozial demokraziarantz egitea?
Edozer gerta daiteke, gizarte mugimenduek nahi dutenaren arabera. Boterea dute eta sentitu behar dute hori, eskaerak egin. Frederick Douglass abolizionista handiak esan zuenez, "botereak ez du ezer ematen tartean aldarrikapenik ez badago, ez du inoiz egin eta ez du inoiz egingo".
Beste batzuek proposatzen dute ezkerrerako aldaketa hori Alderdi Demokratatik at egin behar dela, Jill Steinek kasu.
Bera medikua da, Alderdi Berdearen hautagai moduan aurkezten da. Hirugarren alderdi gisa aurkezten da, Alderdi Libertarioa bezala, baina estatu guztietan aurkeztekotan diru kopuru izugarria beharko luke hirugarren batek. Alderdi biko sistema da AEB, de facto.
AEBen kanpo politikari dagokionez, Trumpek gogortasun politika proposatzen du baina Hillary askoren iritziz Obama baino interbentzionistagoa da. Zeintzuk izango dira nazioartean baten edo bestearen garaipenaren ondorioak?
Hillary Clinton belatz neoliberala da: Irakeko gerraren alde eman zuen botoa, Wall Street-i oso lotua dago, bere senarraren politikak babestu ditu; delituen aurkako 1994ko legea babestu zuen, beltzen, latinoen eta txiroen kartzelaratze masiboak ekarri zituena... Tradizio horretatik dator. Ezin da aurretik jakin Trumpek zer egingo duen, iruzur eginez, langileen bizkar dirua egin duen mailegu-emailea da. Hillaryk zer egin ondo aurreikus daiteke, sakonki interbentzionista eta gerraren aldekoa da. Hori esanda, ez dut esango hori izango denik, presidente bihurtuz gero, jarraituko duen bidea, gizarte mugimenduen indarrak baldintzatu dezakeelako.
Obamaren gobernuak interbentzionismoa apaldu du?
Inondik inora ere ez. Obama gerrarik luzeenetako batean izan da presidente, Afganistangoan. Obama mugimenduek hautatu zuten: arrazakeriaren aurkako mugimenduek, gerraren aurkakoek, etorkinen eskubideen aldekoek, ingurugiroaren aldekoek, gay eta lesbianen aldekoek... Aukeratu zutenean lasaitu ederra hartu zuen munduak, ate bat zabaldu zen hor, baina atea bortizki itxi daiteke atzera. Obama 2008an aukeratu zutenean, atzerakada arrazista gertatu zen, Trumpek babestutako Birther mugimendua sortu zen –Obama ez dela AEBetan jaioa dioena– eta eraso horiek zirela eta, mugimenduek Obama ez kaltetzearren utzi egin zioten axola zitzaizkien arazoengatik bere politikak kritikatzeari.
Ezinezkoa lortua zuten, afroamerikar bat presidente jartzea. Obamak Guantanamo itxiko zuela iragarri zuen, baina zazpi urte geroago ez du oraindik itxi. Irakeko gerraren aurka zegoela esan zuen, baina gerra hedatu egin da, droneen gerra bezalaxe Yemenen, Somalian, Pakistanen, Afganistanen, Libian... Salatarien jazarpen gehien izan dira bera presidente denetik. Etorkinen aldeko mugimenduek babesa eman zioten hasieran, Etxe Zuriaren barruan hasi ziren lanean, baina mugimendu bera izan da gerora Obama deporter-in-chief (deportatzaile buru) izendatu duena, historiako beste ezein presidentek baino etorkin gehiago deportatu dituelako. Mugimenduek zuzia eman zioten eta atzera egin zuten, baina hori errakuntza da, pertsona bakar batek ezin baitu Etxe Zurian egon eta bertan dabiltzanen eskariei eutsi, ezin baditu kanpoan daudenak seinalatu eta esan "hori egiten badut Bastilla hartuko dute". Kanpoan jenderik ez badago, arazo handia du.
Behintzat badirudi Kuba salbuespena dela hor, jarrera berrien erakusgarri.
Legatua utzi nahi du gerorako, era berriak dituela erakutsi, eta Kuban ahalegina egin du harremanak normalizatzeko, baina blokeoa oraindik hor dago eta hori du hurrengo erronka. AEBek bonbardatutako Hiroshima bisitatu duen lehendabiziko amerikar presidentea da, eta armagabetze nuklearraren alde egin zuen berba bertan, baina bere agintaldian 3.000 milioi dolar bideratu dira arma nuklearren garapenerako.
"Historia egiten duten mugimenduen berri emango duten hedabideak behar ditugu"
TTIP eta TPP merkataritza itunen berri du jendeak hemen, ala Europan bezala hedabideek ez diote ia arretarik ematen?
Hedabide korporatiboak lerrokatuta daude korporazioekin, horregatik ez dute azaltzen, ez dute gaia jorratzen edo korporazioen mesedetan dauden azalpen batzuk ematen dituzte. Hillary Clinton bezala, Obama Wall Street-ekin lerrokatuta dago, erabat babesten dute jendea boteregabetzen duen, ingurugiroa mehatxatzen duen TPP. Hedabideei dagokie kontu hauek azaltzea. Gerragatik, klima aldaketagatik kezkatzen direnak ez dira gutxiengoa, ezta gehiengo isila ere, hedabide korporatiboek isilarazitako gehiengoa baino, horregatik berreskuratu behar ditugu hedabideak. Aro digitalean bizi gara, baina jasotzen dugun guztia zarata da, distortsioak, gezurrak. Botereaz jarduten duten hedabideak behar ditugu, ez boterearentzat dihardutenak. Estatuaren aldekoak baino, laugarren estatua diren hedabideak behar ditugu, interferentziak sortzen dituzten eta historia egiten duten mugimenduen berri emango dutenak. | news |
argia-2744b3809c0d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/ehkolektiboa.html | Bertako zerealen trukean | Garazi Zabaleta | 2016-07-17 00:00:00 | Bertako zerealen trukean
"Zereal-okin, zereal-abeltzain zuzeneko trukaketak 2016". Izen hori daraman e-postak nire arreta deitu du postontzia begiratzen nenbilela. Hor sartu naiz kuxkuxeatzera, eta taula batekin egin dut topo: erosi/saldu, produktua eta barietatea, kantitatea…
EHKOlektiboak bertako zereal trukaketen bigarren deialdia antolatu du uztailean. Lehenengoa ekainean egin bazuten, orain, zerealen uzta jasoko dela aprobetxatuz (batez ere garia, ogigintzarako) parte hartzeko ateak berriro irekitzea pentsatu dute, jende gehiagok bat eginen duelakoan.
Erosi, saldu, edo zergatik ez trukatu?
"Ikusi dugu askotan ez dugula jakiten nork daukan produktu jakin bat eta noiz, nora jo dezakegun", azaldu digu Aloña Gonzalez Bereau EHKOlektiboako kideak. Ekaineko deialdia lehena izanik, aurrera begira ekimenean jende gehiagok parte hartu dezakeela uste dute. Horregatik erabaki dute deialdi berria egitea.
Baina nola funtzionatzen du kontuak? Bada, inkesta bidali dio EHKOlektiboak interesa izan dezakeen jendeari. Parte hartu nahi duenak hori bete eta uztailaren 15a baino lehen bidali beharko du: "Gure lana informazio guztia biltzea izanen da, ondoren parte hartu duten guztiei taula bat bidaltzeko saltzeko/erosteko/trukatzeko dauden produktu guztiekin".
Trukaketak egiteko harremanetan jartzea, berriz, norberaren esku egonen da. "Askotan hobeto ulertzen dugu elkar zuzeneko harremanetan jartzen garenean", dio Gonzalez Bereauk.
Baserritar, okin, eraldatzaile nahiz abeltzainentzat
Aurreko deialdian, batez ere, okinek eta eraldaketan dabiltzanek hartu bazuten parte, abeltzainentzat ere oso interesgarri izan daitekeela uste dute antolatzaileek: "Garia egiten duenak askotan badu alpapa, edo belar bazka, eta hori abeltzainentzat aukera oso ona izan daiteke".
Gure hartu-emanak ahalik eta gertuenera ekartzeko helburuarekin abiatu dute ekimena, distantziak mozteko. Agroekologiaren garapena eta lanketa egitea baita EHKOlektiboaren ardatz nagusia, baina betiere ondoko irizpideekin ulertuta: ekologikoa, tokikoa, sasoikoa. "Nekazaritza ekologikoa ingurumena eta gu guztion osasuna zaintzen duen eredua da, baina herri txikien biziraupena, gazteen nekazaritzarako sarbidea edota bertako ekoizpena eta kontsumoa ere bermatu beharra du, besteak beste. Kultura baten berreskurapena da, azken batean". | news |
argia-b7c4fc955a9d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/atentatu-punka.html | Atentatu punka | Andrea Zubozki | 2016-07-17 00:00:00 | Atentatu punka
Uniformizatzen ari diren mendebaldar pentsamenduen kontra doaz Gadafiste brothers. "Brigada internazionalistak Libian!" esaldia ez da usu entzuten oholtza gainean…
Eszena gainean hiru tipo eta ordenagailu bat. Ordenagailuaren bidez, bateria eta sanpleak bidaltzen zizkiguten: tu-ka, tu-tu-ka erritmo geldiezin baten gainean, gitarristak bere riff punkiak ematen zizkigun. Bere ondoan bi kantari: mikro zangoak kakiterat igorri ondoan, mikroari lotutako kableak ematen zaien luzetasun guzia maximora arte erabiliz, publikoaren gainerat jauzi egiten zuten.
Kontzertuan, Saif al Irati haien disko berriko kantuak entzun izan ditugu: Gaueko Sorginak, Indiana Jones, Kevin eta Kattalin, Les bidasses à la Bidouze eta Palestinian only beste kantu zaharrago batzuen artean oihukatuak izan dira.
Gadafistek publikoarekin duten harremana ikaragarria da. Ez dute kontzertu bat ematen, baizik eta kantuak jendeer kantatzen. Ezberdintasun alimalekoa. Gadafistek haien kantuak kontra boterea eramateko indar ikaragarri bat bezala erabiltzen dituzte. Kantariak publikoan, eta publikoa haiekin kantuz, nahiz eta pertsona gutxi izan gelan!
Baina berdin du; ez du publikoaren kantitateak kontzertuaren kalitatea egiten.
Kantuen artean, taldea mintzo zitzaigun; noiztenka probokatzaile, noiztenka argi eta zuzen, baina hala ere usu ironia eta trufarekin. Trufatzen badakite, denez, haien buruaz ere.
Hiru oztibartarrek dena xehatzen dute, materiala ere! Mikrofonoetan oihuka bafleak saturatu arte, mikro kableei tiraka, edo/eta hegazkina egiten kablearekin. Behin baino gehiagotan soinu mahaia oreka lanjeros batean sakatu digute!
Biziki maitatu ditut Gadafistak, aspaldi honetan ez nien horrelako kontzerturik ikusi; ez zuten argirik, soinu txarra baina lortu dute ostatua buruz behera jartzea.
Gadafistek ematen dituzten kontzertuak zikinak dira, akatsekin baina biziak. Iruditzen zait gero eta horrelako kontzertu gutxiago ikusten direla gure lurraldean. Gaur egun, eszena gehienak "klinikoak" edo/eta "steriloak" bilakatzen ari dira. Hainbeste komedia, hainbeste soinu eta argi… eszena telebista balitz bezala. Aitzinetik prestatutako antzerki bat, biziari lekurik utzi gabe… Publikoa oro har ere joko horretan arrunt sartua da. Kontzertuak bizi ordez, mugikorrarekin argazkitan hartzen edo/eta filmatzen ditu, ondotik begiratzeko inoiz bizi izan ez duen momentu bat…
Artikulu hau baliatu nahi nuke mezu baten pasarazteko irakurle orori: pantaila bat begiratu nahi baduzu, etxean gelditu. | news |
argia-e365ddce7815 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/emakumeak-bakarrik.html | Emakumeak bakarrik? | Oihana Etxebarrieta | 2016-07-17 00:00:00 | Emakumeak bakarrik?
Emakumezkoentzako espazioak sortzen ditugunean, gai konkreturen batean lan egin nahi dugulako edo emakumez osatutako talde batekin ekintzak egin nahi ditugulako, askotan –gehiegitan– entzun behar izan dugu: "Baina zergatik emakumeentzako bakarrik?".
Azalpenik beharko ez lukeen erabakia den arren, askotan eman behar izan ditugu zergatiak. Eta badakizue zer? Nahiko aspertuta nago hauek eman behar izateaz. Gainera, hainbatetan askotariko ekintzak antolatu ditugunean eta hauek edonorentzako irekiak izan direnean, hori kasualitatea! Kexatzen ziren horiek ez dira inoiz azaldu.
Feminismoa landu, ikasi eta eztabaidatu nahi duenarentzat badago nahikoa foro. Eta topatzen ez baditugu, beti sortu ditzakegu guretzat garrantzitsuak diren gaiak lantzeko espazioak. Beraz, normalean kexatzen zaren horietakoa bazara, beste behin egin aurretik, pentsatu zenbat ekintza feminista mistotan hartu duzun parte, zure ekarpen konstruktiboa zein norabidetan egin nahi duzun eta ea galdera horrek eraikitzeko balio ote duen. Galdera horiek erantzutekoa bazara, ez galdu indar handiegia merezi ez duenarekin. Zuk oso ondo dakizu zein den bidea, modua eta aliatua. Segi lanean eta batez ere gozatu bideaz! | news |
argia-b040b5418477 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/gerra-galdua.html | Gerra galdua | I�aki Odriozola Sustaeta | 2016-07-17 00:00:00 | Gerra galdua
2008an izan genuen sentsazio izugarri hura, mundu "osoko" sistema kapitalistaren porrota bazitekeela pentsatzea, beldurgarria batetik, motibatzailea bestetik, pasatu zaigu. Benetan, ez nuen uste izan horrelako desestabilizazioa egon zitekeenik. Bestela pentsatzen nuen: arlokako krisiak izango zirela, beti ezagutu izan ditugun moduan, baina sistema osoa, nahita, desorekatzea ezinezkoa zela, hainbeste egokitzapen eta gero.
Baina ez! 2008tik aurrera, kapitalismoak egin duen sistemaren "autobirrintzea" eta berreraikitzea harrigarria izan da. Nik uste, Lehen Munduan ezkerreko sentitzen garenok, ekonomiaz jantzita ez gauden gehientsuok, ahozabalik utzi gaitu gertatuak. Hori gaitasuna, dozena erdi urteetan, ekoizpena erabat txikitu eta modu berriak asmatzeko, eraikitzeko eta martxan jartzeko. Eta gu, atzaparra zurrupatuaz ikusle lez, "ezer" egin gabe (hamaika ekintza eta ekitaldi egin ditugu bai, baina ez eraginkorrak, eta gehienak dagoenari eusteko asmoz). Zer egin, ordea, horrelako uholde erraldoiaren aurrean?
Sei urteren buruan, denda edo taberna txikienetatik hasita, estatu osoak ezabatu dira. Enpresa txiki eta handiak pikutara joan dira; bankuak eta entitate finantzarioak itxi dituzte, beste batzuk reflotatu eta bat egin; Irak, Libia, Siria eta Afrikan egitura estatalak desegin, milioika jende migratzaile bihurtuz, milioika jende sakrifikatuz; zerbitzu publikoak murriztu dira ia toki guztietan, lan baldintzak gaiztotu munduko ertzetan esklabismoraino, eta jendarte aurreratuenetan ere prekarietatea gailendu da. Dena gure begien aurrean.
Eta atzera begiratzean, orain, zera iruditzen zait, desestabilizazio hori ez dela izan deskontrolatua, eta estatuburu morroien laguntzaz gain, botere ekonomikoaren menpeko politikariez gain, soldatapeko kazetari eta epaileez gain, norabide bat egon dela, gehiengoak ez genekiena, inoiz jakingo ez duguna, gure nahimenaren gainetik inposatu zaiguna, ezinbestean, euren etekinak pilatzen jarraitzeko.
Azken urteetan ARGIAn idatzi ditudanak berrirakurri eta, nago, inozo bat besterik ez naizela, eta irakurri nauzuenak ere bai, nik esandakoari noizbait arrazoia eman badiozue behintzat. Hitz eta ideia landuak, desio antzuak, borondate oneko berba hutsalak. Hazkuntzaren beharra zalantzan jarriz, oinarrizko soldata aldarrikatuz, soldatapeko lanaren kontra, ekonomia planifikatuaren alde, merkatutik kanpoko eremuak sortu beharra... Arrastorik utziko ez duten kontzeptuak. Ja.
Jendarte aurreratuetan geure burua ezkertiartzat dugunok, amateur gizagaixoak besterik ez gara izan, eta eurak, benetan profesionalak, ideia argikoak eta eraginkorrak. Hurrengo krisi handia ez dut ezagutuko, baina pentsatzen dut hobeto prestatuta egon beharko dugula –dutela–, indar gaizto honi aurre egiteko. | news |
argia-7aa87b98c326 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/ezkerra-jokoz-kanpo-brexit-ean.html | Ezkerra jokoz kanpo "Brexit"-ean | Asier Blas Mendoza | 2016-07-17 00:00:00 | Ezkerra jokoz kanpo "Brexit"-ean
Katalunian CUPek Erresuma Batua (UK) Europar Batasunetik (EB) irtetea babestu zuen bitartean, Ezker abertzalea Brexitaren aurka agertu zen. Espainia erreformatzea ezinezkoa dela diotenek Europar Batasuna erreformatu daitekeela errepikatzen dute. Arraroa. Espainia zaila bada erreformatzea, askoz ere zailagoa da EB erreala erreformatzea. Halere, EB alda daitekeela pentsatzen bada, UK-ren irteera beharrezko baldintza da, nahiz eta ez izan nahikoa. Britaniarrek urte asko daramatzate EBren barne integrazio eta demokratizazio prozesua oztopatzen.
Independentismoak askotan errepikatu du Kataluniaren eta Euskal Herriaren sezesioak Espainiako sektore aurrerakoientzat onak izan daitezkeela; logika berdina aplikatuz gauza bera esan daiteke britainiar sezesioaz EBrentzat. Halere, Ezker abertzaleak Brexitaren aurkako jarrera justifikatzeko ezker nortasunezko argudioak erabili zituen, irteeraren aldekoen artean nagusi zen eskuin populista azpimarratuz. Bitxia, ez baitut gogoratzen Ezker abertzalearen iritzi publikorik Europan egon diren sezesio erreferendumetan ezetza babestuz, nahiz eta kasu gehienetan baietzaren lidergoa eskuineko neoliberalen eta eskuin muturren esku egon zen.
"Brexita" eskuinarekin identifikatzea sinplekeria da. Sindikalista ugarik, Respect alderdiak, sozialistek eta komunistek EBtik irtetearen aldeko kanpaina egin dute. Badira laboristen eta berdeen artean irteera defendatu dutenak ere, adibidez, Jenny Jones berdeen lider historikoa. Tariq Ali, jatorri pakistandarreko idazle eta zinemagile ezkertiarrak ere irteera defendatu du
Brexita eskuinarekin identifikatzea sinplekeria da. Sindikalista ugarik, Respect alderdiak, sozialistek eta komunistek EBtik irtetearen aldeko kanpaina egin dute. Badira laboristen eta berdeen artean irteera defendatu dutenak ere, adibidez, Jenny Jones berdeen lider historikoa. Tariq Ali, jatorri pakistandarreko idazle eta zinemagile ezkertiarrak ere irteera defendatu du. Edonola ere, ezin uka daiteke ezkerrarentzat egoera deserosoa zela, Jeremy Corbyn ikustea baino ez zegoen: alde batetik, historikoki EBtik kanpo egotearen aldeko bandera eraman zuenak ez zuen eskuin populistarekin nahastuta ikusi nahi, baina bestalde, ez zegoen oso gustura EB ez demokratikoan eta neoliberalean gelditzearen alde kanpaina egiten.
Klase apalek beraien haserrea azaltzeko eta gauzak aldatzeko Brexit botoa erabili zuten. Trukean denetik deitu zaie, atzerakoi zaharrak eta xenofoboak besteak beste. Horretarako erabili diren datuak YouGov enpresak egin zuen inkesta izan da (erreferendumaren emaitzak asmatu ez zituena). Lagin oso txikiarekin, 1.652 inkesta, adin tarteari dagokionean ez zeukan inolako adierazgarritasun estatistikorik, baina halere, mantra bezala errepikatu dute hedabideek gazteen artean EBn gelditzearen aldeko babesa zela nagusi. Inkestaren arabera 24 urte arteko gazte segmentuaren parte-hartzea %36koa izango zen soilik. Hau Zientzia Politikoetan klasikoa da, klase geroz eta altuagokoa izan, orduan eta gehiago bozkatzen da. Portaera hau adinarekin gurutzatzen denean oraindik eta gehiago handitzen da diferentzia. Hots, klase apaleko gazteek oso gutxi bozkatzen dute, heldu ahala geroz eta gehiago bozkatuko dute, baina beti klase ertain eta altukoek baino gutxiago.
Azkenik, erraza da xenofobia akusazioak egitea soldata onekin eta klase baxuko etorkinen etxeetatik urrun bizitzen bada. Marxek esplikatu zuen langabetuak direla burgesiaren ejertzitoa, horrela soldaten kostua txikitu egiten da. Gaur egun, Erresuma Batua ia langabezia teknikoan egonda, burgesiaren ejertzitoa etorkinak dira. 2001etik britainiar klase apalenen soldatak txikitu egin dira eta erosahalmena izugarri gutxitu da. Eskuin populistak arreta jarri dio arazo honi langileen arteko gorrotoak hauspotuz. Berriz, ezkerra ez da gai izan klase apalenen interesak hartu eta defendatzeko, erakutsiz etorkina klase aliatua dela aberatsenen interesen kontra egiteko eta aberastasuna hobeto birbanatzeko borrokan. | news |
argia-1dc2727afa47 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/borrokatu-iceberg-matxistaren-oinarriak.html | Borrokatu iceberg matxistaren oinarriak | Xabier Letona | 2016-07-17 00:00:00 | Borrokatu iceberg matxistaren oinarriak
Iruñean hilaren 7an sexu erasoen aurka Udaletxe Plazan izandako bilkura erraldoia deigarria izan zen. Lorpen handitzat hartu zen eta pozgarria ere izan zen milaka pertsonak erantzun tinko hori ematea egun horretako goizaldean izandako bortxaketari. Ematen du familia eta lagunen artean sexu erasoez gehiago jarduteko aukera. Zer den eraso, ezetzaren garrantziaz, emakumezkoen egin beharrekoez, gizonezkoen arduraz… berriketaldi arras interesgarriak sortzen dira gertakari hauen bueltan, hezkuntza eta hausnarketari begira behinik behin, horiek gabe lokatzezko erraldoi handiak besterik ez baitira bilkura hauek.
Adi ibili beharreko tresnak ere badira halakoak, horrekin nahikoa dela pentsa baitezakete gizarteak eta bertaratutako herritarrek. Instituzionalizazioen arriskuak dira eta mugimendu feministaren eginkizuna izango da hauen norabidea analgesiko baino piperrauts bilakatzea. Azken finean, eta gehiegi azpimarratzen ez bada ere, bilkura hauen eraketan giltzarri izan da mugimendu feministaren presioa.
Hilketa eta bortxaketa dira gizartean arbuiorik sendoena sortzen duten sexu erasoak, gazteluaren dorre goren eta ikusgarrienak, baina azpian haiei eusten dien guztia dago: oraindik orain emakumezko eta gizonezkoen artean desberdintasuna sortzen duen gizarte matxista. Mespretxua, begirune eza, ukituak, festetako "dena libre da eta alkoholarekin are eta gehiago", janzkera eta jarrera 'desegokiak', begirada eta komentario zikinak, eraso txikien aurrean indiferentzia eta salaketa eza, kontrola… horiek guztiak dira sexu erasoen arkitekturaren oinarrian.
Orain arte bezala, emakumezkoa eta bereziki mugimendu feminista izango dira egitura horiek guztiak txikitu arteko borrokaren subjektu nagusiak. Gizonezkoei ez dagokigu bakarrik borroka hori laguntzea, geure rol propioa ere izan beharko genuke garatu beharreko hausnarketan eta jokabidean, gizonezkoa baita zapalkuntza eta desberdintasun horien guztien subjektu nagusia.
Pentsatzen dena baino latzagoak dira halako jarrerak egunerokotasunean. José David Yllanesek 2008ko Iruñeko sanferminetan hil zuen Nagore Laffage. Yllanesen epaiketan herri epaimahaiak hiru galdera pasatu zizkion epaileari Asun Casasola Laffageren amari galde ziezaion. Lehenengo biak ez zizkion egin epaileak, begirunezkoak iruditzen ez zitzaizkiolako. Hirugarrena honakoa zen: "Zure alaba oso ligoia al zen?".
Ardotan blai, titiak ukitzen dizkieten nesken irudiak ere ohikoak bihurtu dira sanferminetan. Epaimahai horrek ea oso topless zalea den galdetuko zukeen seguruenik, baina Iruñeko kaleetan oraindik ere eztabaidatzen da errua norena den, edo kasurik onenean, ea neskak erruaren zein parte duen.
Hedabideetako erredakzioetara ere egin dute jausi toplessen eta ukituen argazkiek, eztabaida sortuz. Eztabaidarik ez da, edo gutxiago, albistea ukitu-eraso horien inguruan oinarritzen denean; aldiz, sare sozialetan eskandalua sortu du halako argazki bat erabiltzea uztailaren 7ko goizaldean bost gizonezkok egindako bortxaketaren albistea ilustratzeko.
Zer ikusirik dute bi gertakizunek elkarrekin ateratzeko? Edo iradokitzen ari da akaso sexu giro horretan gertatzen direla bortxaketak? Edo are larriagoa dena, toplessa egiten duenak bortxaketa arriskua duela?
Ongi-etorri bilkura handiei, lorpena dira, batez ere egunerokoa ahalduntzeko balio badute: festa giroa, etxeko lanak, anai-arreben desberdintasunak, telebista, lan mundua, gizonezkoen protagonismoa, gobernuen osaketa, boterea... Horietan elikatzen baita gizarte matxista, sexu erasoen oinarri eta ongarri sendoena. "Gora borroka feminista", hori izan zen Iruñeko bilkurako oihu indartsuenetakoa. | news |
argia-fc2da23630a5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/1936ko-golpistei-erantzuna.html | Greba Orokorra Gasteizen | Urko Apaolaza Avila | 2016-07-17 00:00:00 | Greba Orokorra Gasteizen
1936ko uztailaren 18an militarrak altxatu zirenean erantzuna berehalakoa izan zen eta langile ezkertiarrek euren arma nagusia erabili zuten horretarako: greba orokorra. Zenbait tokitan, Donostian kasu, anarkistek eutsi egin zuten. Gasteizen ere greba orokorrak hainbat egunez iraun zuen, baina beranduegi zen, armarik gabe eta Araba ia osoa Molarekin bat eginda, hiriburuko erresistentzia eta bere oroimena betirako galdu ziren.
Barrikadarik ez zen jaso Gasteizko kaleetan duela 80 urte, ez zen errepublikaren aldeko manifestazio eta proklamarik izan, baina Arabako hiriburuan golpisten garaipena ez zen batere argi egon gerra egoera ezarri eta hainbat egun igaro arte. Uztailaren 20an, astelehena, komunista, sozialista eta anarkistek grebara deitu zituzten langileak eta hiriko saltoki nahiz tailerrak itxita egon ziren. Uztailaren 23an hegazkin batek esku-orriak jaurti zituen Langileak! izenburuarekin: "Zuen familien bake eta lasaitasunarengatik, langile zintzoak, hartu ezazue laguntasunez mugimendu zibiko-militar hau, itotzen gintuen ustelkeria eta zaborra jasotzera baitator".
Zer gertatu zen egiatan altxamenduaren lehen egun haietan? Gasteiztarrek beso zabalik egin al zieten ongi etorria probintziako errekete saldoei? Astelehen egunsentian kaleetan lurrunik ere ez zen entzuten: greba, beldurra, desinformazioa... Balantzak beste aldera egin zezan, txinparta baino ez zela falta izan pentsatzeko zantzuak badaude; Gasteizen errepublikar kontzientzia eta langilegoaren antolakuntza aski errotuta zeudela erakusten dute aurreko urteetako borrokek. Baina gobernadore zibilak ez zien Fronte Popularreko eta EAJko kideei armarik eman nahi izan, eta behin agintea militarren esku, "jarrera susmagarrian" zebilen ezein jenderi tiroa jotzeko agindua emana zegoen. Grebak porrot egin zuen.
Lana, langilearen arma
Makinaren garaia hasi eta lana merkantzia bihurtu zenetik, langileek eurena duten altxor bat erabili izan dute hobekuntzak lortzeko arma nagusitzat: lanera ez joan. Greba orokorrak esanahi ugari izan ditu historian zehar eta XX. mende hasieran kutsu iraultzailea hartua zuen. Anarkistek eta komunistek emantzipaziorako lehen pausotzat zuten eta ez da harritzekoa 1936an Marokon militarrak altxa zirela jakiterakoan hainbat hiritan lanuzteak deitzea, asteburua izanik ere.
Hala gertatu zen Madrilen eta Bartzelonan. Azkeneko honetan, Companysen Generalitataren duda-mudak eta aginterik eza ikusita, langileek hiriko hainbat biltegi asaltatu eta armak eskuratu zituzten. Bartzelonan CNT antolakundea oso indartsu zegoen, 20.000 miliziano gutxienez bazeuden iraultzarako prest. Ehun-fabriketako sirenak entzun bezain laster kuarteletatik hiri erdigunera zihoazen soldadu matxinatuen kontra jo zuten, asaltoko guardien laguntzaz, greba deialdia horretarako kontsigna balitz bezala.
Langileek protagonismo bera izan zuten industria-sare sendoa zegoen beste toki askotan, Miranda Ebron adibidez. Arabako mugan dagoen herri koxkorrean trenbidearen etorrerak bertakoen izaera obreroa bultza zuen. Uztailaren 18an altxamendua gertatu bezperan emakumeek manifestazioa egin zuten ogia 0,60 pezetan zegoela salatzeko, eta irin-fabrika ere eraso zuten. Hurrengo egunean herria trenbideetako langileen esku geratu zen, harik eta guardia zibilen destakamendu batek haien kontra egin zuen arte. Gazte askok Zadorra ibaian gora ihes egin zuen, baina Zanbranara iristean errekete eta falangistak zituzten zain, apaiz batek gidatuta, eta tiroz josi zituzten. Gutxienez zazpi hil zituzten, euskal lurretan gertaturiko lehen sarraskietakoa izan zen hura.
Gasteizen baina, XX. mende hasieran apenas zegoen fabrika handirik, Ajuria familiaren esku geratu zen Metalúrgica Vitoriana Meta zaharra izan ezik; bertan nekazaritzarako makinaria egiten zuten. Gasteiz, Iruñea bezala, "Covadonga berri" baten hiriburua zela pentsa zitekeen, landa guneak, karlismoak eta burgesia kontserbadoreak dominaturiko ernamuin konkistatzailea. Eta hala ere, greba orokorra? Erraza da ulertzea. Hiriko tailer txikietan, ostatuetan, okindegi eta abarretan sindikatuak gero eta antolatuago zeuden eta aurreko urte eta hilabeteetan jadanik erakutsia zuten borrokarako gaitasuna.
Gasteiz lasaia?
Altxamendua gertatu baino aste batzuk lehenago beste greba orokor garrantzitsu bat izan zen Gasteizen, kasu honetan lan baldintzak hobetzea eskatzeko: lan astea 44 ordura jaistea, ixtear dauden industriak langileen esku geratzea, destajuko lanik eta ordu estrarik ez, etxebizitza duinak... Sindikatu guztiak inplikatu ziren grebarekin, UGT, ELA-STV, CNT eta baita Langile Katolikoen Sindikatua (SOC) ere. Lehenik komisio bat osatu zuten Arabako patronalarekin negoziatzeko, baina enpresariek eskakizunei entzungor egitean grebara deitu zuten. "Badakigu Gasteizko langile klaseak duen espiritua zein den –dio haien komunikatuak– eta ez zaigu beharrezko ere iruditzen esatea borrokatu egin behar dugula".
Maiatzaren 25ean hiria erabat geldi esnatu zen: "Zalantzarik gabe, langile-fronte zabalena, indartsuena eta aho batez Gasteizen iraupen luzeena izan duen greba da", onartu zuen Tomás Alfaro argazkilari eta jarduneko alkate errepublikarrak. Aste osoan mobilizazioak eta liskarrak izan ziren, saltokietako kristal batzuk hautsita, ilarak oinarrizko elikagaiak lortzeko... Gobernuak ordezkaria bidali zuen greba batzordearekin konponbide bat adosteko eta maiatzaren 29an 3.000 langiletik gora bildu ziren asanbladan Frontón Vitorianon. Hurrengo egunean akordioa lortu zuten, eskakizun ugari aintzat hartuta, tartean 44 orduena.
Gasteizen apenas zegoen fabrika handirik. Iruñea bezala, "Covadonga berri" baten hiriburua zela pentsa zitekeen. Eta hala ere, greba orokorra? Erraza da ulertzea: hiriko tailer, ostatu, okindegi eta abarretan sindikatuak gero eta antolatuago zeuden, eta aurretik jadanik erakutsia zuten borrokarako gaitasuna
Euskal Herriko eremu industrializatuenetan –Bizkaian eta Gipuzkoan– ez zen halako mobilizazio handirik izan hilabete horietan, bai ordea "lasaiagoa" omen zen Gasteizen. Zergatik? Ezkerreko gobernuaren aldekoen nahiz kontserbadoreen ustez, greba hura "lekuz kanpo" zegoen eta Espainian bizi zen giroari lotu behar zitzaion –Vigon, Valladoliden eta Bartzelonan greba gatazkatsuak izan ziren garai beretsuan–.
Tentsio politikoak gorantz egin zuen azken bi urteetan Estatu osoan. 1933an Casas Viejaseko sarraskia –18 hildako– langileen kontrako errepresio basatiaren sinbolo bihurtu zen, eta 1934ko urriko iraultzaren ondorengo zapalkuntza ere ez zen nolanahikoa izan. Gasteizen insurrekzio hura "oso eskasa" izan zela irakur daiteke hainbat historia liburutan. Baina orduan, nola ulertu liskarrek iraun bitartean ogia hiriko toki bakarrean baino ezin erostea? Zergatik itxi zituzten UGT eta ELA-STVren lokalak? Guztira 37 lagun atxilotu zituzten hiriburuan, zenbait kasutan lehergailuak egitea egotzita.
Askorentzat 1934ko errepresioa bi urte geroago gerran etorriko zenaren entsegu moduko bat izan zen. Militarrek aspaldi erabakita zuten nola konpondu auzi soziala: Arrifeko moroekin egin bezala. Hala, konspirazioak biderkatu egin ziren 1936ko uda iritsi ahala, erreketeen maniobrak eta arma-kontrabandoa areagotu.
Álava Republicana egunkarian behin baino gehiagotan salatu zuten egosten ari zena, Gasteizko kuarteleko kapitain mediku batek, Luis Sánchez Capuchinok, eta Flandes errejimenduko komandante Ramon Saletak informazioa filtratzen baitzien. Golpea ematerakoan, Antonio García Lorencés egunkariko zuzendariaren kontra auzi militarra zabaldu zuten filtrazio horiengatik. Baina behin faxismoa gailenduta ez zuten tribunalik behar izan bera hiltzeko, azaroaren 22an presondegitik atera eta fusilatu egin zuten.
Arabako agintari militar Camilo Alonso Vega jenerala leporaino zegoen sartuta altxamendua antolatzen, inguru horretako kazike handiena zen Jose Luis Oriol tradizionalistarekin eskuz esku. Hala ere, azken unera arte duda asko izan zituzten goarnizioek bat egingo ote zuten, zenbait errejimendutan, artilleriakoa kasu, CNTko soldadu asturiar ugari baitzegoen. Eguna eta ordua iritsita, beti bezala, goikoak pokerrean jokatzen aritu ziren behekoen bizitzekin.
Altxamendua versus greba orokorra
Altxamenduak egoera oso desberdinak sortu zituen Hego Euskal Herrian. Nafarroa Estatuko matxinatuen epizentro nagusi bilakatu zen milaka erreketek Iruñeko Gazteluko Plaza hartu zuten une beretik. Bizkaian militarrek errepublikaren alde egin zuten argi eta garbi. Donostian, Loiolako kuartelean zeudenak ez atzera ez aurrera ibili ziren hasieran. Ezkertiarrek, aldiz, asalto-guardien egoitza okupatu eta armak eskuratu ondoren greba orokorra deitu zuten uztailaren 18an bertan. Sekuentzia hori erabakigarria izan zen ondoren Gipuzkoako hiriburuaren defentsa antolatzeko: dela Larramendi kaleko barrikadan, dela Maria Cristina hotela erasotzerakoan, gizon eta emakume milizianoek kuraia izugarria erakutsi zuten.
Gasteizen alderantziz gertatu zen, militarrek hartu zuten aurre. Altxamenduaren egunean Dato kalea zurrumurru bat zen. Karlistak biltzen ziren Arabar Anaitasunaren egoitzan istiluren bat edo beste gertatu zen eta Navarro Vives orduko gobernadore zibilari lokala ixteko eskatu zioten errepublikarrek, baita armak emateko ere. Guardia zibilen komandantea bera ere horretarako laguntzeko prest azaldu zen. Florida parkean ehunka lagun bildu ziren "borroka egin nahi dugu, faxistei bidea itxi, gora errepublika!" oihukatuz.
Jose Luis Lonbana abokatu eta Eusko Gaztediko kideak Gasteizen gertatutakoaren testigantza utzi zion Jose Migel Barandiarani, Iparraldera ihes egin zuenean. Bere esanetan 37.000 fusil lortzeko zorian izan ziren arratsalde hartan: "Esan ziguten Gobernu Zibilean sarjentu bat azaldu zela artileria parkeko giltzak eskuan zituela". Baina gobernadoreak ez zuen ezer egin; kargua utzi eta Bilbora ospa egiteko baimena lortu zuen militarrengandik, bere jarrera otzanaren sari gisa agian. Ordu gutxira militarrek "gerra egoera" aldarrikatu zuten.
Hortik aurrera hasi ziren lehen atxiloketak, eta hainbat lokal itxi zituzten, tartean Eusko Gaztedirena, UGTrena eta baita Zirkulu Errepublikarra ere; azkeneko honen arbelean oraindik irakur zitekeen uztailaren 19rako legalitatearen alde deituriko manifestazioa. Ez zen sekula egin.
Uztailaren 23an gobernadore berriak bandoa zabaldu zuen, gogoraraziz lanera itzultzen ez ziren langileei kontratua etengo zitzaiela. Lehen fusilatua, hain justu, lanera joan ez zen okin grebalari bat izan omen zen
Uztailak 20, astelehenarekin greba orokorra. Egunkarietako errotatibak itxita, Ajuriaren fabrikan langilerik apenas, esnerik eta ogirik ez, eta saltoki gutxi irekita. Panorama horrek eta gasteiztarren hoztasunak, urduri jarri zituen altxaturiko agintariak. Desinformazio eta mehatxu kanpaina bat jarri zuten abian berehala. El Pensamiento Alavés egunkari erreakzionarioak ohar faltsua kaleratu zuen UGT eta CNTren izenean herritarrei lanera itzultzeko eskatuz; gezurrezko paskinak ere azaldu ziren kalean helburu berarekin. Hala ere grebak beste hiru egunez iraun zuen gutxienez.
Uztailaren 23an gobernadore berriak bandoa zabaldu zuen, gogoraraziz lanera itzultzen ez ziren langileei kontratua etengo zitzaiela: "Nagusiek hurrengo 12 ordutan zerrenda helaraziko didate euren industria, tailer eta obretan despedituak izan diren langileen izenekin".
Ordurako makina bat lagun Bizkaia eta Gipuzkoa aldera igarota zegoen ordea, frontea marraztuta, erretagoardiako munstro errepresiboa martxan zen. Lehen fusilatua, hain justu, hilaren 20an lanera joan ez zen okin grebalari bat izan omen zen.
1936-1976-2016
Hasierako jarrera zalantzatiak zerrenda beltz, garbiketa eta fusil kolpez uxatu zituzten faxistek. Gasteizko kartzelan preso kopurua laukoiztu egin zen egun gutxitan. Uztailaren 25ean, Santiago eguna, falangisten kuartelean hainbat emakumeri ilea moztu eta akain-olioa edanarazi zieten.
Fusilatze masiboak abuztuan hasi ziren, "jendearen gogoa" epelegia zelako. Agintariek abisua emana zuten: "Araba osoan eta Gasteizen bereziki", inor ausartzen bazen "tontakeria txikiena" egitera, euren esku zeuden bahituak fusilatuko zituzten derrenpentean. Abuztuaren 14an Gorbeian atxilotutako bost mendigoizale hil zituzten eta hurrengo asteetan fusilatzeak ugaritu egin ziren, batez ere Millan Astray mugimenduaren propaganda arduradunak hiria bisitatuz geroztik.
Columba Fernández anarkista ere egun horietan hil zuten, Foru kalean zegoen emakumeentzako espetxetik atera ondoren –hamarnaka emakume pilatu eta jazarri zituzten hainbat hilabetez bertan–. Fernández ezaguna zen Gasteizko langile mugimenduan lehen lerroan borrokatu izanagatik, eta ez zioten halakorik barkatu. Diputazioko presidente Teodoro Olartek eta Gasteizko alkate Teodoro González de Zaratek ere patu bera izan zuten, Arabako beste 300 lagun inguruk bezala.
"Badirudi antipatiaren izotza hausten hasi dela langileen artean", zioen El Pensamiento Alavés ek pozarren uda odoltsu haren amaieran. Ez zuten sekula pentsatuko 40 urte geroago asanblearismoa inoiz baino indartsuago egongo zela Gasteizko auzo berrietan, eta haien oinordekoek berriz ere langileen odolez tindatuko zituztela hiriko espaloiak 1976ko martxoaren 3an. Gasteiz lasaiak azala zuri baina zainak gorri dituenaren seinale. | news |
argia-4c5d475ae276 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/naima-hamrouni-sexismoaren-eta-arrazakeriaren-bidegurutzean.html | "Onartu beharra dago emakume zuri gisa toki pribilegiatuan garela" | Jenofa Berhokoirigoin | 2016-07-17 00:00:00 | "Onartu beharra dago emakume zuri gisa toki pribilegiatuan garela"
Emakume arrazatua du gogoetaren subjektu Naïma Hamrouni ikerlari feminista quebectarrak. Le sujet du féminisme est-il blanc? Femmes racisées et recherche féministe (Feminismoaren subjektua zuria ote da? Emakume arrazatuak eta ikerketa feminista) liburua atera berri du beste hainbat ikerlarirekin batera. Intersekzionalitateari eta feminismoaren deskolonizazio beharrari buruzko obra ezinbestekoa.
"Emakume arrazatua" terminoa erabiltzearen beharra azaldu duzue liburuan.
Arrazaren eraikuntza soziala azpimarratzeko erabiltzen dugu termino hori, batzuen nagusitasuna eta besteen zapalkuntza dakartzan ezberdintze sistema hori isilean ez uzteko. Biologikoki jende arrazarik ez dela errateko adostasun zientifikoa izan arren, kategorizazio sozial hori hor dago eta arrazatuek pairatu behar izaten dute.
Jakintza oraindik deskolonizatu beharra dela diozu.
Feminismoa ez ezik, orokorki gizarte zientziak dira deskolonizatu behar. Afrikako, Asiako eta Latinoamerikako ekoizpen zientifikoak luzaz ez dira kontuan hartu. Gaur egun oraindik gutxiesten edo gaitzerraten dira, exotikotzat estereotipatuz. Emakume arrazatuei buruzko ikerketa nagusiek usu huts egin izan dute subjektu horien ahotsa kontuan hartzeko saiakeretan. Horrez gain, bizitu esperientziez emakume arrazatuek duten irudikapen propioei ez diete kasurik egin. Hori horrela, estereotipoen mantentzean parte hartzen dute: zapalkuntza patriarkal ala erlijiozkoaren biktimatzat itxuratzen dira, edota kategoria pasibo eta agentibitaterik gabekotzat.
"Feminismoaren subjektua zuria ote da?" galderari zer erantzuten diozu zuk?
Emakume zurien bizipenak izan dira luzaz mugimendu feministaren eta teoria feminista dominanteen subjektuak. Adibidez, 60 eta 70eko hamarkadetan, kontrazepzio eta abortu eskubidea mugimendu feminista mainstream-aren aldarrikapen nagusi zen bitartean, esterilizazio bortxatuaz ziren gehienbat kezkaturik emakume beltzak eta autoktonoak; norbere gorputzaren kontrolaren aldarria ezberdin kontsideratzen zuten. Gaur egun, feminismoa gero eta gutxiago da zuria: jakintza, esperientzia, bizipen eta borroka minoritarioei bideratu beharreko tokiaz gehiago gogoetatzen da eta emakume arrazatuen lanak gehiago irakatsiak dira. Adibidez, kurtso osoak dira feminismo post-kolonialei, autoktonoei, musulmanei ala beltzei zuzendurik. Baina paradoxikoki, ikasketa feministaren barruan aparteko toki bat zuzentzeak feminismo zuri mainstream -aren eta jakintza feminista arrazatuen arteko bereizketaren atxikitzea ere sustatzen du.
Feminismo deskolonizatu baten giltzak zein dira?
Argi ukan beharra dago emakume guztiak ez direla egoera berean eta zapalkuntza ezberdinak bizitzen ditugula. Onartu beharra dago ere emakume zuri gisa toki pribilegiatuan garela. Hori onarturik, gaiaz zuzenki hunkiriko emakumeei hitza utzi behar zaie, Bel Hooksek zioen modura "mugimendu feministaren jabe" baikinan jokatzea ekidinez. Elkartasuna gauzatzeko moduak berriz pentsatzean datza kolonialismoa eta infantilizazioaren luzatzea saihesteko baldintza: emakume arrazatuen aldarrikapenen transmisio uhal gisa jokatuz dute emakume zuriek zinezko sostengu aktiboa erakutsiko.
Intersekzionialismorik gabe ez dago "gu emakume" subjektu arras inklusiborik.
Hainbat zapalkuntza sistemaren inbrikazioa bizi dute emakume batzuek. Sexismoaz gain, heterosexismoa noski, baita arrazakeria ere, emakume arrazatuek adibidez. Kontua ez da erratea emakume horien bizipena okerragoa ala larriagoa dela, baina bai kualitatiboki ezberdina dela, eta argi ukaitea injustizia horiei emango zaizkien erantzunak ezberdinak izango direla.
"Deshumanizazio sexualizatua" kontzeptua erabiltzen duzu.
Filosofia politikoan, herritarrek bizitu injustizia eta berdintasun eza dituzte behatzen justizia banatzailearen eta onarpenaren teoriek. Emakume arrazatuek jasan injustiziak ezin dira mugatu enplegura iristeari, errentari, botereei ala funtzioei –justizia banatzailea– edota ezberdintasun kulturalaren ezagupen baikorrari –ezagupenaren teoria–. Deshumanizazioa bizi dute: gizakia baino gutxiagotzat hartuak eta tratatuak dira. Gutxienez bi arlotan sentitzen dute hori: psikologikoan, haien agentibitatea ukatua zaie eta hautu autonomoak egiteko gaitasuna berriz ezeztatua zaie. Hala nola, hijaba duen emakumea derrigorrez alienatua dela entzun ohi dugu. Bigarrenik, arlo fisikoan arraza kategoriari uztarturiko bortizkeria sexuala bizi dute. Adibidez, buruzapi musulmana errotik kentzen zaienean edota jatorriari loturiko irainak pairatzen dituztenean.
"Gu emakume" inklusibo bakarra ala hamaika "gu emakume" txiki ?
Beharrezkoak izateaz gain, emankorrak dira aniztasuna eta ezberdintasuna. Nire ustez, talde feminista ezberdinak mantentzean eta noizbehinkako aliantzak egitean datza benetako askapen borrokarako giltza. Perspektiba nagusien partetik gauzatu bazterreko indarren errekuperazioa eta gutxiengoan direnen ezabaketa saihesteko balio du ere feminismoaren baitako ezberdintasunen balorazioak. | news |
argia-b896aa970778 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/liburua.html | Hitzak azalean igurtziz | Amaia Alvarez Uria | 2016-07-17 00:00:00 | Hitzak azalean igurtziz
Oier Guillanen azken lanean, Mr. Señora eta beste ileorde batzuk izenburupean zazpi antzezlan aurkituko ditugu. Ileorde hitzarekin Eugène Ionescoren La cantante calva lanari egindako erreferentziarekin absurdorako joera datorkigu burura. Joera honen bitartez kritika soziala eta jendarte egiturak agerian ipini eta deseraikitzeko aukera baliatu du egileak. Eta horrekin batera poesiarako sartu-irtenak ere, hitzekin jolasteko eta ni-a biluzteko aprobetxatuko baitu.
Bidelagun ugari izan ditu Guillanek antzezlanok errezitatzeko: Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Joseba Roldan, Urtzi Urkizu, Iñigo Ortega eta Miren Alcala. Normaltasuna eta arau sozialak auzitan jartzeko galderak eta gogoetak egiten ditu lan hauetan kontraesanak azaleratuz, egileak ohi dituen kontzeptu eta irudi batzuk errepikatuz: mina depilatu edo elkartasun erradikala.
Mr. Señora n desarmairugabetzea aldarrikatzen du. Norberaren eta Besteen begiradaz ari da, eragiten duten minez eta gorputzak askatzeko aukeraz. "Denok gara armairu batetik ateratzeko gai. Zein da zurea?", galdetzen dio irakurle edo ikus-entzuleari. Hautudeterminazioa n euskaldunak bere burua, bere hankartea, bere mingaina, bere azala egunero hautu-determinatzen duela dio. Ate etzana n elkarbizitza eta gatazkez ari da. Anariren kantu bateko letra erabiltzen du abiapuntu gisa eta harremanei begira jartzen da ohe eta mahai artean.
Maite zaitut oraindik lanean maitasunaren "alde iluna"-ri begiratzen dio. Bestearen askatasuna norberarenarekin nola moldatu daitekeen planteatzen da. Maite zaituztenek eragindako minaz mintzo da. Eta minean sakontzen du Minari buruzko solasaldiak-en. Min motak eta minen iraupenaz, ahanzturaz, bestetasunaz dihardu.
Bi ahots lanean Tintin en Dupond eta Dupont ekarri dizkigu akordura. Ispilura begiratuz, norberarenak bestearen bidez ulertu nahian dabiltza. Egiaz eta gezurraz hitz egingo dute, munduko gerrez. "Emakumeek pairatzen dutena da munduko gerrarik zaharrena, aitortu gabeko gerra, biktima gehien eragin duen gerra", ondorioztatuz.
2010ean Artezblairekin argitaratutako Arra. Arraroa da bilduma honetako azken antzezlana. "Zerk edo zerk definitu badu orain arte gizona izatea zer den, hori beldurra izan da", irakurri ahal diogu orriotan. Familia du hizpide, gune eta bazterrak. Itsusien aldeko aldarria egiten du Virginie Despentesek King Kong Théorie n egin bezala. Ainara Gurrutxagak hitzaurrean dioen moduan, azaleko izotz geruza desagerrarazteko ukendu gomendagarria. | news |
argia-ac4bb5477e36 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/barrongo-urtegia.html | Egungo beharretara egokitu gabeko azpiegitura | Iker O�ate Aiastui | 2016-07-17 00:00:00 | Egungo beharretara egokitu gabeko azpiegitura
Añanako Kuadrillaren ureztatze planak eztabaida eragin du Araban. Espainiako Gobernuak eta Arabako Foru Aldundiak bultzaturiko egitasmoak hainbat putzu eraikitzea aurreikusten du; Barróngo urtegia litzateke proiektuaren azpiegitura nagusia. 1999an diseinaturiko egitasmoa izanik, ezbaian dago bideragarritasuna: ur eskariaren eta eskaintzaren artean sekulako aldea egon liteke.
Añanako Kuadrillako laborariek badute ureztatzeko azpiegitura beharrik eta urteak daramatzate putzu eske, baina 2015eko abuztuan Barróngo urtegia eraikitzeko asmoa publiko egin zen arte, ez zuten azpiegitura handirik espero. Are gutxiago, inguruko nekazaritzaren gainbehera ikusita: arestian nekazari askok eman zuen izena Ureztatzeko Taldean, baina egun, horien %8 inguruk besterik ez du jarraitzen laborantzan.
Proiektuaren aldekoen aburuz, nekazaritzaren gainbehera iraultzeko tresna izan daiteke urtegia. Alegia, ureztatze azpiegiturek laborariak erakarriko lituzkeela uste dute, eta horrek lagunduko lukeela populazio galerari aurre egiten.
Lurrak ureztatzeko asmoz eraikitako Arabako urtegi handienetarikoa litzateke Barróngoa, 182 milioi euroko aurrekontuarekin. 70-80 hektarea okupatuko lituzke eta 4,8 hektometro kubo ur pilatzeko gaitasuna izango luke. Laborantza lurrek duten beharrei erreparatuz, gehiegi, hainbat bizilagunen aburuz. Batzuek informazio falta salatu dute eta, jakin-minak bultzaturik, antolatzen hasiak dira: Barrón-Añana Urtegiari Ez plataforma sortu dute.
1999an diseinaturiko egitasmoa zaharkiturik dagoela iritzita, ikerketa sozioekonomiko eguneratua aldarrikatzen dute urtegiaren aurkakoek. "Lehenik eta behin inguruan zenbat nekazari dauden jakin behar lukete bultzatzaileek, euren lurrak ureztatzeko gisa honetako azpiegitura baten beharra zenbatek duten alegia", dio plataformako Maite Cruzek. "Halakorik egin ezean, sekulako aldea egon daiteke eskariaren eta eskaintzaren artean".
Barrón eta Gineako lurrak hartuko lituzke urtegiak, baina inguruko herrietan ere izango luke eraginik. Presaren 35 metroko horma nagusia Atiega herritik gertu eraikiko litzateke, eta horrek kezka eragiten du. "Hormak eztanda eginez gero, herri guztia itoko da", adierazi du plataformako beste kide batek, Txus Fernandezek. Atiegara iristeko errepidea lekuz aldatzea ere ekarriko luke azpiegitura eraikitzeak.
Halako azpiegitura baten beharra gaur egun zenbat nekazarik duten neurtu beharko litzateke, urtegiaren aurkarien ustez
Nori interesatzen zaio?
Egitasmoaren bultzatzaileek hainbat fasetan banatu dute prozesua. 2008an ekin zieten lanei eta oraingoz hiru putzu eraiki dituzte; horietako bat ez da erabiltzen, bizilagunen arabera, beharrik ez dagoelako. Horregatik, urtegia eraikitzeko bestelako interesak egon daitezkeela iritzi dute. "Usain txarra hartzen diogu proiektuari, enpresa interesatu asko egon daiteke", azaldu du Fernandezek. Espainiako Estatuko hormigoiaren eta uraren alorreko presio taldeak aipatu dituzte bizilagunek. Horien artean dago Acuamed, Espainiako Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioaren menpeko enpresa publikoa, gaur egun iruzur auzi batean murgilduta dagoena.
Alta, Arabako nekazari guztiak ez daude ados plataformaren aldarriarekin. Batzuek uste dute ez dela ikerketa sozioekonomikoa egiteko unea. "Ezin dugu etengabe egoera ikertu, urteak daramatzagu ureztatze azpiegiturak exijitzen eta behingoz obrei ekin dietenean ezin dugu proiektua geldiarazi. Barróngo urtegiaren aurka egoteagatik ezin dugu egitasmo osoa eten", adierazi du UAGA Arabako Nekazarien Elkarteko presidente Javier Torrek.
Ezin daiteke uka laborarien artean badela eztabaidarik eta UAGA da horren isla. Barróngo urtegiaren auzian bateko eta besteko iritziak ditu sindikatuak ere, eta kide batzuentzat ezezaguna da gaia. Horren aurrean, egitasmoaren aldekoak bereganatzea baino, Barróngo urtegiaz ezer ez dakitenak informatzea du plataformak lehentasun.
Desjabetuak ere ezjakin
Barróngo urtegiak okupatuko lukeen lurraren %100 laborantza lurra litzateke, inguruko nekazarien jabetzapekoa. Lurrak galduko lituzketenen artean dago Maite Cruz; oraindik ez daki zer jasoko duen nahitaezko desjabetze horren ordainetan. Hori bai, argi du jarrera: "Nik ez dut dirurik nahi. Ustiategiaren %50 kentzen badidate, zer egingo dut?".
Bizilagunek ez dakite zein baldintzatan egingo diren nahitaezko desjabetzeak, ezta noiz egingo diren ere. Horregatik, egitasmoaren alde daudenei entzuteko eta eztabaidatzeko prest ager daitezen eskatzen diete: "Aintzat har dezatela, gutxi batzuen mesedetan, hainbat bizilagunek lurrak galduko ditugula. Gure lekuan jartzea besterik ez dute".
Ura ponpatzeko beharra: egitasmoaren porrota
Quejo, Nograro eta Barrio herriak lirateke Barróngo urtegiaren iturburu. Arabako Foru Aldundiaren esanetan, printzipioz ez legoke ura ponpatu beharrik, urak bidea bere kabuz egingo duen esperantza dagoelako. Hala ere, Aldundiak onartu du, beharra balego, ura Osmatik ponpatzeko aukera ere aurreikusi dela. Uraren prezioa garestituko luke horrek eta urtegia ez litzateke bideragarria izango nekazarientzat. Proiektuaren porrota izango litzateke. Kasu horretan, UAGAren babesa ere galduko luke egitasmoak.
Lurzoruaren egoerak eragina du ura ponpatzeko beharrean. Plataformako kideak hasiak dira beren kabuz ingurunea aztertzen eta orain arteko datuek ez diete baikortasunerako biderik ireki. Ebroko Ur Konfederazioak harturiko laginen arabera, Barróngo lurzorua iragazkorra da; hori oztopo litzateke ura pilatzeko.
Sustatzaileen aburuz, nekazaritzaren gainbehera irauteko tresna izan daiteke Barróngo urtegia
Arabako Foru Aldundiak aurretik ere eraikiak ditu ureztatze azpiegiturak lur iragazkorretan eta esperimentuak ez du emaitza onik lortu. Bizilagunek Noryesteko egitasmoa dute gogoan: Arabako Foru Aldundiak 30 milioi euroko inbertsioa egin zuen Uribarri Arratzua urez hornitu nahian. Jasotzen duen uraren %4 besterik ezin du pilatu lur iragazkorretan eraikitako azpiegitura horrek.
Prozesu parte-hartzailea ireki nahian
Aldarria indartzeko ahaleginean, Barrón-Añana Urtegiari Ez plataformak fase berri bat ireki du, eztabaida Arabako Foru Aldundira eramanez. Alderdiekin batzartu da, baina ez du guztien onespena erdietsi: EAJ eta PP urtegiaren alde daude, eta Ciudadanosek eta PSE-EEk gehiago ikertu behar dela diote. EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabazi aurka azaldu dira.
Proiektua adituek eta herritarrek esku hartuko duten prozesu parte-hartzaile baten bidez birpentsatzea litzateke hurrengo urratsa, plataformaren ustez. Lanean dihardute hori lortzera bidean, batzar informatiboak eta mahai inguruak antolatuz. Informazio faltari aurre egin eta Barróngo urtegiaren eraikuntza eztabaidagai publiko bilakatzea da haien helburua. | news |
argia-d99ba034307e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/diskoa.html | Gora gazteria askatuta | Iker Barandiaran | 2016-07-17 00:00:00 | Gora gazteria askatuta
Asko pozten naiz Mungiako laukoteak kotoiaren proba gainditu duelako. Taldea sortu eta estreinako lana kaleratu berritan, apenas urte eta erdira, bitsa balitz bezala altxa ziren publikoaren kinielatan, baita kritikaren berbetan ere. Ordutik Espainiako Estatuko jaialdi guztiek nahi dituzte karteldegian eta partaideen ikasketek baimendu ahala han eta hemen jotzen dihardute ia etenik gabe. 2013an, adin nagusitasuna eskuratu berri, kaleratu zuten Eurie eta sorpresa ederra izan zen: freskoa, revivalista, gaztea eta, batez ere, lotsagabea... baina funtsarekin eta esateko gauza askorekin. Zuzenekoetan ere –gehienetan– hala aritzen ziren: esperimentatuz, lengoaia propioa eraikiz, eta batez ere disfrutatzen eta lehertzen. Orriotan jaso nuen lana goraipatuz eta etorkizunak emango zuenaren esperantzaz, baina betiere azkar igotzen den bitsaren permanentziaz kezkati.
Ordutik iraupen laburreko bi lan auto-ekoitzi dituzte: Bele beltzak baino ez eta AAAA!!!! , biak 2014an, eta beraien kabuz. Bi lan horiek ilunak dira, introspektiboak, eta 80ko hamarkadako new-wavetik urrunduta zaplaztekoa eman zieten Mungiakoa talde revivalista hutsa zela esaten zuten guztiei. Bi lanok erakutsi zuten Josu Ximun (batez ere) eta Lore Nekane Billelabeitia, Cris Lizarraga eta Lander Zalakainen burmuinak pil-pilean daudela.
Orain ardi-azala duen disko luze berria kaleratu dute: Hamen . Ardi-azal diot, abestiak amableagoak direla dirudien arren amorru eta eztanda egiteko gogo asko gordetzen (eta ateratzen) dutelako. 10 kantu, ohi duten moduan ingelesez, euskarazko bakarra eta bertsio bat. Diskoari hasiera ematen dion Fire alarm ek asko dauka taldearen izaeratik: baxu potentea, sinteak, 80ko hamarkadako elektroa eta psikodelia. Guk emanez Alemanian jaio, noise eta grungetik edan eta elektro-rock basati eta kaotikoan hiltzen da. Off your shoes garagea da, zati epikoak uztartuz riot grrrl noisea ere badena, zapalgailua. Letaginak atera ostean, dantzarako tartea zabaltzen da: Key elektro-etnikoa da, gero eta organikoagoa eginez hit!a bilakatuz. Nomad ere hit!a da, ia souletik abiatuta Pixies talde handiak gorpuztu eta tribalista bihurtzen dena. Pixies ikurra da, eta berari zor dio arima Track sei k ere.
Mum taldearen aspaldiko dantza-arma da, baina hau bertsio lasaiagoa dugu; eta Something to adore ur azpiko baleen dantza da, ia orkestrala. Itsasotik aldendu gabe, Hegadun baleak euskarazkoak hondarreko rocka dakar gogoan distortsio eta indar handiarekin. Azken txanpan, Crime k El Inquilino Comunistaren noise-rock dotorea ekarri dit gogora eta Simmerman ek dauka Nina Simonen basakeri propioa eta Felix Da Housecaten kadentzia. | news |
argia-be485c6eba15 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/donostiako-sosak.html | Donostiako sosak | Jakoba Errekondo | 2016-07-17 00:00:00 | Donostiako sosak
Landareen sentsibilitateaz eta inteligentziaz jabetzera iristen garenean beste era batera begiratuko diegu. Bitartean, bide horren jorran eta garbiketan lana suelto egin beharrean gara.
Gure ezjakintasunaren eta moztasunaren ondorioak hirietako zuhaitzek sufritzen dituzte gehien. Gehienen aburuz, zuhaitzek betebehar estetiko soila dute etxe inguruetan. Jende mordo bati "zikinkeria" sortzaile direla iruditzen zaio: hostoak botatzen dituzte, haziak, fruituak, adarrak... Sustraiekin espaloiak harrotzen dituztela ikusita azpijokoaren kriminalak eta zankalatrabatzaileak ere badirela uste duenik ere bada.
Kalifornian egin duten ikerketa baten arabera, ordea, zuhaitzek, besteak beste, mesede ekonomiko nabarmena dakarkiete beraiek zaintzen dituzten udal eta herritarrei. Hona datuak eurotan: hozte eta berokuntza sistemetan eragiten duten energia aurrezpena, 90,70 milioi; euri jasak baretzea, 37,21 milioi; aireko kutsadura garbitzea, 16,27 milioi; karbonoa metatzea, 9,25 milioi. Horri inguruan dituzten etxeei gehitzen dien balioa erantsi behar zaio: 752,22 milioi. Batuketa erraza da: 905,65 milioi euro. No eta to onura. Lau biztanleko, kaleko zuhaitz bat dute; denetara, 9,1 milioi zuhaitz. Baina beste hamasei milioi landatzeko tokia ere ba omen dute. Gaur egun dituztenekin, zuhaitz bakoitzak dakarren onura 100 eurokoa da.
Onura ekonomiko hori Donostiara eramaten saiatuko naiz. Itxuraz, 150.000 zuhaitz –kale, parke eta baso– eta 185.000 biztanle inguru ditu. Kalifornian zuhaitz batek eragiten duen mesedea eta Donostian egin dezakeena tankeratsukoa izan daitekeela ametituko bagenu, 150.000 zuhaitz horiek Donostiari eta donostiarrei hamabost milioi euroko dibidendu garbia ekarriko liekete. Donostiar bakoitzarentzat, 81 euro. Txartxoa!
Iruñeko 144.000 zuhaitzek sanferminek baino diru gehiago ematen diote 196.000 biztanleetako bakoitzari.
Euro hutsari lotutako hori zuhaitzei begiratzeko modu "zikinxeagoa" da, baina, haien mesederako bada, aurrera! | news |
argia-64d6f1f43dd8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2516/sulem-estrada-mexikoko-irakasle-eta-sindikalista.html | "Irakasleak beti izan dira indar sozial garrantzitsua Mexikon" | Dornaku Lanz Solbes | 2016-07-17 00:00:00 | "Irakasleak beti izan dira indar sozial garrantzitsua Mexikon"
Ayotzinapako landa-eskolako 43 ikasle desagertu ziren 2014an, poliziarekin izandako liskar bortitzen ostean. Kapitulu berri bat bizi dute orain Mexikon: hezkuntza publikoaren alde Oaxaca eta Chiapasen egindako mobilizazioei, odolarekin erantzun die Gobernuak. 12 hildako guztira. Sulem Estrada Mexiko DF-ko irakasle, sindikalista eta militantearengana jo dugu.
Koka gaitzazu testuinguruan. Zer gertatzen ari da Mexikon?
Mobilizazioak sortu direla, ez bakarrik irakasleen aldetik, guraso eta herri osoak babestuta, hezkuntza pribatizatu eta irakasleen eskubideak urratu nahi dituen erreformagatik. Estatuak gogor erreprimitu ditu manifestazioak; atxilotuak egon dira, baita 12 hildako ere.
Irakasleak beti izan dira indar sozial garrantzitsua herrialde honetan. Mugimendu ugariren protagonista izan dira, Mexikoko Iraultzarena barne, mediku eta abokatuekin batera. Hezkuntza erreformak egiturazko beste hainbat aldaketarekin egiten du bat. Osasun eta lan arloetan, energia sektorean (Pemex-en pribatizazioa lekuko)… ere ari dira muturra sartzen, eta horregatik irakasleak ez dira borrokan ari diren bakarrak. Azken erreforma neoliberal honen kontrakoak dira mobilizazioak.
Aurrekariak izan ditugu. 2013an irakasleek kanpaldi erraldoia antolatu zuten Mexiko Hiri erdiko plaza batean, eta Gobernuak bortizki hustu zuen plaza. Ondoren, Ayotzinapako 43 "normalisten" desagertzea izan genuen. Eskola "normalak" irakasle ikasketak egiteko eskolak dira eta landa eremukoetan formatzen dira gero Mexikoko leku txiroenetara joango diren irakasleak. Horren guztiaren aurretik, ikasle eta gazte mugimendu garrantzitsu baten sorrera izan genuen hiriburuan: Yo soy 132 mugimendua, mende oso batez Mexiko gobernatu duen PRI alderdi autoritarioaren kontra.
Bada ezberdintasunik hiri eta landa eremuetako mobilizazioen artean?
Landa eta hiriaren arteko banaketa argia da Mexikon. Hegoaldeko estatuetan lehen sektorea da nagusi, eta iparraldean industria. Chiapas, Guerrero, Michoacán eta Oaxaca dira estatu txiroenak, eta nortasun indigena, jatorrizko kulturaren presentzia, askoz handiagoa da horietan. Hegoaldean, komunitateak pisu handiagoa du, elkarrekin aritzeko joera dute.
Azken hildakoen aurrean, zer dio Gobernuak?
Mexikoko Gobernuak eskuak garbitu ditu, poliziaren eta herritarren arteko istiluak izan zirela eta manifestariek ere armak zituztela argudiatuz. Gobernuak dio poliziak erasoen aurrean erantzun besterik ez zuela egin. Eta gaineratu du hildakoak ez direla irakasleak, honek guztiak ez duela hezkuntza erreformarekin zerikusirik. Jakina, gezurra da erabat, eta ez da lehen aldia Estatuko indar polizialek haien bortxa guztiarekin herriaren kontra egiten dutena. Giza eskubideen urraketak sarri salatu dira, maila nazional eta internazionalean.
"Hezkuntza erreforma pribatizatzaileak egiturazko beste hainbat aldaketarekin egiten du bat. Osasun eta lan arloetan, energia sektorean… ere ari dira muturra sartzen"
Eta orain arte atxilotutakoen egoera zein da?
Hamarnaka preso egon dira, atxilotzen dituzte eta ondoren azkar uzten dituzte libre, baina azpimarratzekoa da mugimendu sindikaleko buruzagiak atxilotu dituztela. Borrokatzen saiatzen den oro erreprimitu, kartzelaratu edo hil egiten dute; ikaragarria da.
Zer paper ari dira jokatzen ikasleak?
Gazte mugimendua, batez ere unibertsitateetan kontzentratzen dena, oso mugimendu aktiboa da. Aipatu dudan moduan, Yo soy 132 mugimendua ikasle eta gazteek gidaturikoa izan zen, eta Ayotzinapako 43 ikasleena pasa zenean ere, milaka gazte atera ziren karrikara, 43ak bizirik agertu zitezen, bai eta Gobernuaren kontrako aldarriak oihukatzera ere. Duela gutxi, UNAM unibertsitate publikoan, Estatuko campus handiena den horretan, asanblada erraldoia antolatu zuten, irakasleen mugimendua nola lagundu erabakitzeko.
Eta gurasoek zein jarrera dute?
Gurasoak ere guztiz inplikatu dira irakasleen borrokarekin, ulertzen dutelako irakasleen lan baldintzez gain, hezkuntza publikoaren aldeko borroka dela. Michoacánen bertan, 12-15 urte arteko ikasleak atera dira manifestatzen, guraso eta irakasleekin batera.
Hedabideen aldetik, zein da mezu nagusia?
Irakasleen satanizazio izugarria dago hedabideetan. Irratian, telebistan... Leku denetan etengabeko desprestigioa baino ez da ikusten. Irakasleak bandaloak eta gaizkileak direla diote, arazoak baino sortzen ez dituzten alfer taldea direla.
Nola ikusten duzu pribatizazioen kontrako borroka honen etorkizuna?
Hau guztia aurrera eramateko ezinbestekoa izango da nazio mailan arlo guztiak bateratuko dituen estrategia edo egitura bat osatzea, herriaren exijentzia guztiak behar bezala betetzea nahi badugu. Gauza da, orain Gobernuak eztabaida desbideratu nahi duela elkarrizketa-mahai baten bidez, irakasleak engainatzeko asmoz, gatazka luzatu eta mugimendua desgastatzeko. Irakasleek 20 egun baino gehiago daramatzate greban eta mobilizazio oso indartsuak antolatuz, gatazka oso gogorrak bizi dituzte egunero. Gobernuak, eztabaidarako mahai horren bidez, altxamendu hau isilarazi besterik ez du nahi. Eta guk uste dugu borroka indartzea dela bidea, beste arlo eta sektoreekin koordinatuz.
Mexiko gerran dagoela esango zenuke?
Estatuaren militarizazioa, batez ere Felipe Calderónen Gobernu garaian eman zena [2006-2012], itxuraz narkoaren kontra antolatu zen, baina errealitatean borrokatzen ari den herri xehea ari dira hiltzen. Militanteak, emakumeak, kazetariak... dira ustezko narkoaren kontrako gerra horretan gehien erasotzen ari direnak. Gobernuak bortizkeriaren naturalizazioa eta normalizazioa bilatzen du, eta ondorioz hemen ez da hainbeste ikusten gerra moduan, baina ezin da ukatu oso bortitza izaten ari denik. Hamarnaka kazetari dira dagoeneko Gobernuaren ustelkeria salatzeagatik erail dituztenak.
Michoacángo autodefentsa taldeak ezagunak egin dira azken urteetan. Narkoaren eta Gobernuaren bortizkeria sistematikoaren aurrean, zein puntutan dago autodefentsa armatua Mexikon?
Hainbat lekutan, herriak armak ditu eta taldetan antolatu dira haien autodefentsarako, baina Estatuak gogor erasotzen ditu. Esate baterako, autodefentsa taldeetako bi zuzendari nagusi atxilotu ditu, Miguelez, preso jarraitzen duena, eta Nestora Salgado, duela gutxi libre utzi dutena, bere askatasunaren aldeko kanpainaren ondorioz. Aldi berean, narkotik eratorritako egoera ere oso bortitza da eta ez gaude ziur autodefentsa taldeez gain bestelako talde armaturik dagoenik, baina oso posible da egotea.
Gaineratu nahiko zenukeenik?
Nazioartetik elkartasun handia dugu eta sumatzen dugu kezka zabala dagoela, herrialdean gertatzen ari denaren inguruan. Bideoak, argazkiak… jaso ditugu leku askotatik, eta Argentinan edo Madrilen egindako mobilizazioen berri izan dugu. Era berean, ikusten dugu ez garela mugitzen ari den herri bakarra, Frantzian ere altxamendu handiak izaten ari dira eta mobilizazio horiekin guztiekin bat egin nahi dugu, ulertzen dugulako bizi ditugun erasoak ez direla guri bakarrik egindakoak, mexikar moduan, baizik eta nazioartean ematen ari diren erasoak. Azken finean, hezkuntza erreforma hau adibidez ez dira soilik hemen aplikatzen ari, Txilen, Argentinan eta beste hainbat herrialdetan ere gauza bera egiten ari dira. | news |
argia-7eccc8b79cea | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/kolonbiako-gobernuak-lehen-kolpea-elnri-mahaian-eseri-aurretik.html | Mahaia ezarri ere egin gabe, Kolonbiako Gobernuak jada eman dio lehen kolpea ELNri | Lukas Barandiaran San Roman | 2016-11-03 00:00:00 | Mahaia ezarri ere egin gabe, Kolonbiako Gobernuak jada eman dio lehen kolpea ELNri
Gobernuak mahaiaren ezartzea atzerarazi du herri mugimenduei azpijokoa iruditu zaien arrazoi batekin eta ELNrentzat berebizikoa dena mugatzea lortu du momentuz: gizartearen parte-hartzea.
Kolonbiako Gobernuak kolpea emanda indartsu hasi ditu Nazio Askapenerako Armadarekin (ELN gaztelaniazko sigletan) bake elkarrizketak. Berez, bi eragileok bake negoziazioen mahaia Ekuadorko hiriburu Quiton urriaren 27an ezartzea adostua zuten, baina ez da horrela izan. Aste horretan bertan, gobernuak baldintza bat ezarri zuen elkarrizketei hasiera emateko: ELNk atxikita daukan Odin Sanchez paramilitar ohia askatzea. 27an oraindik ez zegoenez aske, gobernuak elkarrizketen hasiera bertan behera uztea erabaki zuen.
No he firmado resolución designando negociadores con ELN, porque no han liberado a Odín Sánchez.
— Juan Manuel Santos (@JuanManSantos) 2016(e)ko urriak 27
Ondorengo egunotan, ordea, Kolonbiako bigarren gerrilla indartsuenak adierazi du konpromisoak betetzen ari dela eta urriaren 6an gobernuarekin egindako akordio humanitarioetan ez zela horrelakorik zehazten.
#PabloBeltran Todo lo pactado lo estamos cumpliendo.
— ELN-Paz (@ELN_Paz) 2016(e)ko urriak 27
Akordioen edukia zabalduta, adierazi dute 27 bitartean atxikitako bi pertsona askatzea adostu zutela, eta behin akordioak hasita beste hirugarren bat, izenik zehaztu gabe. Odin Sanchez askatzea, beraz, ez zegoela akordioetan.
Haatik, gobernua ongi arduratu da gizartearengan kontrako ustea sortzeaz, eta iritzi publikoaren zilegitasuna bereganatu duela uste du askok. Bestalde, bake elkarrizketak hasten direnean —bi aldeek adierazi dute irmoki asmo hori— ez dira bertan izango egunotan mundu osotik heldutako medioak, eta batez ere, Kolonbiako herri mugimenduetatik heldutako hamarnaka kide. Aurreikus daiteke elkarrizketen hasierak ez duela horrenbesteko oihartzunik edukiko, eta ez dute Kolonbiako herri mugimenduen babesa eta parte-hartzea edukiko.
Parte-hartzea hitz gakoa da ELNrentzat. Gerrilla honek ez du bere burua inoren abangoardia armatutzat, ez du inor ordezkatzen. Kolonbiaren eraldaketa Kolonbiako herriak berak egin behar duela uste du, eta elkarrizketa hauek "herriari berari eskaintzen" dizkio eraldaketa tresna gisa. Gobernuarekin adostutako elkarrizketen agenda ia edukiz hutsik dago: sei puntuak parte-hartzea, bakerako demokrazia, bakerako eraldaketak, biktimak, gatazkaren amaiera eta gauzatzea dira. Lehen hiruak gizarteak berak bete behar ditu, horregatik du berebiziko garrantzia parte-hartzeak.
52 urteko etorria
ELN 1964ko uztailaren 4an sortu zen Santander departamentuan. Kubako iraultzak eta Che Guevarak eragin handia izan zuen eskualde horretako sindikatu eta ikasle mugimenduetan. Herri borrokaren ezinbesteko osagai izango zuen jarduntzat ulertu zuten gerrilla.
Sobietar eta txinatar eraginetatik aldenduta, Kolonbiaren askapen nazionala zuten helburu. Horretarako, AEBen inperialismoa eta horiekin oligarkia nazionala borrokatzen zituzten. Erasora jotzeko helburu esplizituarekin sortutako lehen gerrilla garaikidea izan zen Kolonbian, FARC-EP, esaterako, nekazarien auto-defentsa bezala sortu baitzen.
1974an sortu zen, ostera, egungo ELNren hazia. Urte hartan, ia gerrilla guztia ezabatu zuen armadak. Ordura arte, egitura hierarkiko zurruneko gerrilla, eta berau buru-belarri elikatzeko egitura urbanoak osatu zituzten. Porrot militarraren eta egituraren harira sortutako ezinegonak eraginda, estrategia aldatu zuten.
Indar guztiak arlo militarrean ezarri beharrean, hiri eta herrietan talde eta egitura politiko-militar ugari sortzeari ekin zioten. Hierarkia militar zentralistatik egitura federalagoetara igaro ziren, eta gerra fronte bakoitzak autonomia handia izango du, FARC-EPk egitura bertikalak osatu zituen bitartean. Horrenbestez, FARC-EPren asmoa, botere nazionala eta estatua bere osotasunean eskuratzeko nekazal guneetan indar militarra sendotzea izan da. ELNk, berriz, hiri eta herrietako oinarri zabalaren lan politiko eta sozialari garrantzi handia eman dio, tokian tokiko herri-botere eta egitura autogestionatuak osatzen hasi ziren, estatua ordezteko.
Negoziatzeko garaia
ELN estatuaren kontra azaldu zen erabat 1991 arte. Urte hartan, uste sendorik gabe, eta FARC-EP eta EPL gerrillekin Simon Bolivar Koordinakunde Gerrillariaren parte zela, Caracas-Tlaxcala bake elkarrizketak hasi zituzten gobernuarekin. Urtebete iraundako elkarrizketa horiek, ez zuten arrakastarik izan.
90eko hamarkadan zehar, FARC-EPk eta ELNk bere une gorena eduki zuten. Estatua kinka larrian jarri zuten, eta askoren ustez, gerrillen garaipena benetako aukera bilakatu zen. Hala ere, urte guzti horietan elkarrizketa saioak eduki zituzten Ernesto Samper (1994-1998) eta Andres Pastranaren (1998-2002) gobernuekin.
Jada 1996an, ELNk Batzar Nazionalaren ideia proposatu zuen: "Gobernua, gerrilla eta gizartearen arteko elkarrizketak. Bertan, estatua eta gizartea demokratizatzeko eraldaketa politiko eta sozialak zehaztuko dira".
Ideia horren inguruan bildu ziren Samperren gobernuarekin 1998an Madrilen eta Rio Verden, Antioquian. Vianako Jauregiko aurre-akordioa lortu zuten Batzar Nazionala zehazteko. Espainiako ABC egunkariak, ordea, akordioa filtratu, eta ez zuen aurrera egin.
Samperrekin hasitakoa Pastranarekin jarraitu zuten. Geneva, Caracas eta Habanan bildu ziren lau urte horietan zehar, baina ez zuten etekinik lortu. Garai hartan FARC-EPren indar armatuak bigarren mailako aktore bezala uzten zuen ELN, eta gainera, paramilitarismoa gogor kolpatzen hasia zen jada.
Alvaro Uribe ultraeskuindarraren gobernuan (2002-2010) kontaktuak eten zituzten urte batzuetan. Uribek gupida gabe jo zuen gerrillen eta adierazpen ezkertiar ororen kontra. Gainera, AEBekin Kolonbia Plana sinatu zuten hamarkada hasieran. Armada modernizatua bonbardaketak erabiltzen hasi zen gerra modu nagusi bezala, eta aurreko hamarkadan lortutako aurrerapena galdu zuten gerrillek. Hala ere, 2006an bake prozesu bat hastea lortu zuten. Baina, beste behin ere, elkarrizketak emaitzarik gabe amaitu ziren bi urteren ostean.
Hasi da azken lehia
Orain dela hogei urte zuen indar militarraren herenarekin heldu da ELN Juan Manuel Santosekin negoziatzera. 2014ko urtarrilean hasi zituzten lehen kontaktuak, eta aurtengo martxoaren 30ean iragarri zuten elkarrizketen fase publikoaren hasiera. Kalkulatzen denez, 2.000 eta 1.500 gerrillari artean ditu egun. Hala ere, ELNk duen indar militarretik haratago, herri eta hirietan osatutako sare politiko zabalean dago bere indar nagusia. FARC-EP, 2000. urtean ohartu zen horren garrantziaz, eta ordutik arlo horretan lanean jardun duen arren, nabarmena izan da Habanako negoziazioetan gizarteak eta herri erakundeek izandako parte-hartze eta eragin mugatua.
Bestalde, ELNk adierazi izan du ez duela ulertzen gatazka logika militar edo alderdikoian. Gobernuak egiten duenaren kontra, bere kezka nagusia ez da bere indar militarrak gobernuarengan duen presio ahalmena. Ez eta ELNk berak edukiko duen etorkizun politiko eta juridikoa, gizarte osoaren eraldaketa baita bere helburua. Horregatik da horren zaila gobernuarentzat gerrilla horrekin negoziatzea, logika horietatik ihes egiten duelako.
Zentzu horretan uler daiteke ELNk parte-hartzeari ematen dioen garrantzia. Hain zuzen, gobernuari gutxien gustatzen zaion arloa. Horrexegatik luzatu da hainbeste ELNrekin elkarrizketaren isilpeko fasea, parte-hartzearen puntuak gobernuarengan sortzen zuen errefusagatik.
Momentuz, eta mahaia oraindik ere ezarrita ez badago ere, gobernuak jada eman dio lehen kolpea parte-hartzeari. 27an Quitora joan ziren herri mugimendu asko ezingo dira bertaratu mahaia ezartzen duten egunean. Haatik, 27an Quiton zeuden herri mugimenduek emandako prentsaurrekoan argi adierazi zuten: "ELN eta gobernua hemen ez badaude ere, Kolonbiako herriak jada ezarri du elkarrizketa mahaia gure presentziarekin. Beren zain gaude".
Bake elkarrizketen hasiera babestera joan ziren dozenaka herri mugimendutako kideak. | news |
argia-35a6f2633da1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/cannabisa-duela-2500-urteko-hil-oihala.html | Cannabisa, duela 2.500 urteko hil-oihala | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-11-20 00:00:00 | Cannabisa, duela 2.500 urteko hil-oihala
Txinako ipar-mendebaldean, antzinako Jiayi hilerriko M231 hilobian, aurkikuntza berezia egin dute: duela 2.400-2.800 urteko gorpuaren gainean hamahiru cannabis landare ia oso zeuden, diagonalean jarrita, hil-oihal moduan. Economic Botany aldizkarian argitaratutako artikuluaren arabera, eremu horretako klima lehorrak lagundu du kalamu landareak hain ondo kontserbatzen, argazkian ageri denez. K.a. lehen milurtekoan Erdialdeko Eurasian kalamua errituetan eta sendagarri erabiltzen zutela baieztatu du aurkikuntzak. Lehenago, garai bereko Ukok printzesaren hilobian, cannabis sativa haziak aurkitu zituzten. Printzesak, ustez, landarea erabili zuen bularreko minbizia arintzeko. | news |
argia-638f4c3e11e5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/katrin-oddsdottir-islandiako-konstituzio-berriaren-egileetakoa.html | "Islandiako konstituzioaren testua ez da iraultzailea, egiteko prozesua ordea bai" | Arantza Santesteban | 2016-11-20 00:00:00 | "Islandiako konstituzioaren testua ez da iraultzailea, egiteko prozesua ordea bai"
2008ko krisialdiaren ondoren, askotariko erreakzioak egon ziren munduko bazter askotan. Gehienetan herri mobilizazioek izan zuten garrantzia, sakoneko aldaketak eskatzen zituzten mugimenduak. Islandian prozesu eratzaile eta legegile batek hartu zuen erreleboa, eta herritarren neurrira egindako instituzioak aldarrikatu zituen. Prozesu horretan murgilduta dago Katrín Oddsdóttir.
2008ko krisialdiak gogor jo zuen Islandian. Bazegoen hura iragar zezakeen aurrekaririk?
Kolapsoaren osagai guztiak aurretik zeuden, jakina. Islandia herrialde txikia da eta halere, bere banku sistema Suitzakoa imitatzen saiatu zen. Jokalari handien antzera jokatzen saiatu zen finantza sisteman; gauzak horrela, dena kolapsatu zen 2008koa iritsi zenean. Aurrez oso jende gutxi ausartzen zen "hau gaizki doa" edo "honek eztanda egingo du" esaten. Danimarkatik espezialistak etorri ziren sistema aztertzera eta esan zuten "zerbait gaizki dabil hemen, sistema lehertuko duzue", horren aurrean Hezkuntza ministro islandiarrak erantzun zuen, oso modu harroan, "itzuli zuenera eta hobeto ikasi".
Krisialdiaren ondoren, jendea konstituzio berri baten alde antolatu zen. Zergatik?
Bi arrazoi nagusi daude. Lehenengoa, islandiar demokrazia jaio zenetik urte asko eman dugula aldarrikapen hori egiten, gure kultura politikoa horren inguruan errotu da. Bigarrena: erakunde guztiak kolapsatu direnean atzera begiratu behar duzu eta galdetu behar diozu zure buruari "non dago gizartea"? Existitzen al da? Eta hura hautemateko modurik ez baduzu, beste gizarte bat egituratu behar duzu. Kontratu sozialaren antzekoa da, guztiaren oinarriak definitu behar dituzu berriz ere.
Idealistak zaretela esan dute batzuek, urrutiegi joan nahi duzuela.
Eta are urrutiago ere joan nahi dugu (barre). Konstituzio honek ez du Islandia herrialde perfektu bihurtuko, baina hasiera bat jarri nahi diogu gure buruen bertsio berritu bati. Konstituzio berriak ez du herrialdea salbatuko, badakigu. Era berean ez da iraultzailea, inondik inora, baina gure konstituzioa da eta jende normalarentzat testu ulergarria da. Krisi handia pairatu genuen eta bide berri hau berriz ere akatsak errepika ez daitezen bermea da. Bestalde, oraingo aldaketaren parametroak ez daude helburu maximoetan, orain bide berri baten hasieran gaude eta ahalik eta atxikimendu handiena behar dugu.
Nolakoa izan zen konstituzioa eratzeko prozesua?
1944an independizatu ginen Danimarkatik, eta Islandiak herrialde horretako konstituzioa kopiatu zuen kasik hitzez hitz. Guk dinamika hori irauli eta testu berria egin nahi genuen, behetik gorako zentzuan, herritarrengandik hasita. 25 pertsonok osatzen dugu Konstituzio Batzordea, eta batzorde horrek idatzi zuen testua. Ez gara politikariak, eta ez ditugu haiek ordezkatzen.
Nola egiten da konstituzio bat behetik gora?
Aipatu dizudan batzordea osatzeko prozesua luzea izan zen. Lehenik, mila pertsona hautatu ziren herrialde guztian; erdia emakumeak, erdia gizonak eta eremu geografiko guztietakoak. Egun batez elkartu ziren eta eskatu zitzaien irudikatzen zuten gizarte ereduaren baloreak azaltzea. Topaketa horren emaitzarekin 400 orrialdeko txosten bat idatzi genuen. Eta horren ondoren jendeak aukeratu zituen batzordeko 25 kideak, ni tartean, eta lau hilabetean konstituzio berria idatzi genuen. Prozesu horren parte-hartzean internetek pisu handia izan zuen. Eztabaida guztiak streaming bidez zabaltzen ziren, eta jendeak sare sozialen bidez bere iritzi, proposamenak eta botoak bideratzen zituen. Gure ustez, jendeari itzuli behar zaio boterea.
Facebooken eragina aipatu duzu. Hainbestekoa da haren ahalmena?
Tira, Facebook oso tresna kapitalista da, baina Islandiarako, era berean, komunikatzeko oso tresna inportantea da. Populazioaren bi herenek erabiltzen dituzte sare sozialak Islandian. Gai askoren araberako taldeak egiteko aukera eman zigun, eta jendeak parte hartu zuen. Egia da sare horren jatorria sistemikoa dela, baina kasu honetan guretzat eztabaida elikatzeko ezinbestekoa izan zen.
Konstituzioaren prozesua zertan izan zen iraultzailea?
Esan bezala, testua ez da iraultzailea, prozesua ordea bai. Oso inportantea da hori bereiztea. Testua inperfektua da, baina saiatu ginen gizarteko alde guztiei lekua ematen. Batzordean feminista asko gara. Trans komunitatea etorri zen guregana eta lanean ibili ginen testuan haien inguruko lege zein eskubideak idazteko. Hasieratik izan dugu kezka hori: nola egin arraza, genero eta sexuaren ikuspegitik orekatutako testua. Gero, kontsentsuaren metodologian jende guztiak bozkatzen du eta beti ez dute irabazi aldaketa erradikalenek.
Kultura eta artearen papera nolakoak izan ziren prozesu horretan?
Konstituzio Batzordean artistak zeuden hasieratik; aktoreak, zine zuzendariak… Eta eskerrak, nire ustez haiek gabe ez baitago kalitatezko ezer egiterik. Konstituzioaren kontzeptuan pentsatzen jarrita, ez da oso kontzeptu kulturala, esan nahi baita batez ere gizartea antolatzeko legislazioa dela. Zentzu horretan, kultura gizarte berri baten fundazioan oinarrizkoa izan zedin saiatu ginen hasieratik. Gure kultura babestea da guretzat oinarrizko printzipioetako bat. Ez dut uste idatzi dugun konstituzioan gure kultura babesteko araudi esplizitua dagoenik, ostera, dokumentuaren filosofian hura integratu dugu. | news |
argia-e8a41ca05f0a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/2017a-izan-liteke-edo-ez-nbek-arma-atomikoak-debekatuko-dituen-urtea.html | 2017a izan liteke (edo ez) NBEk arma atomikoak debekatuko dituen urtea | Pello Zubiria Kamino | 2016-11-20 00:00:00 | 2017a izan liteke (edo ez) NBEk arma atomikoak debekatuko dituen urtea
Abendu honetan erabaki historikoa har dezake Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak: berresten badu Armagabetze eta Segurtasun batzordeak urriaren 27an gehiengoz onartutakoa, 2017an hasiko dira negoziatzen mundu osoan arma atomikoak debekatzeko ituna. Kontra bozkatu duten potentziek –euskaldunok ordezkatzen gaituzten Espainiak eta Frantziak barne– lortuko ote dute zapuztea?
Frantziako legebiltzarreko 82 diputatu eta 19 senatarik sinatu dute –orain artean– arma atomikoen debekuaz herritarren iritzia erreferendum bidez galdetzeko eskaria. Erreferenduma gauzatu dadin 185 diputatu eta senatariren sinadura bildu beharko dituzte 2017ko uda aurretik. Ekimenarekin behartu nahi dute Frantziako estatuak Nazio Batuen Erakundean arma atomikoen alde beti ematen duen botoa.
Urte luzetako lanen ostean, urriaren 27an NBEren Armagabetze eta Segurtasun batzordeak bozkatu zuenean gerra nuklearraren debekua itun bihurtzea, 123 estatuk eman zuten baietza eta ezezkoan tematu ziren potentzia nuklearrak. Tartean, bonba atomikoa aspalditik daukan Frantziak eta NATOen kide izateagatik arma nuklearren erabileran esku hartzen duen Espainiak, NBEan euskaldunak ere ordezkatzen dituztenak.
Hedabide nagusietan oraingoan kasik aipatu ez den arren, abenduan eztabaidak ikuskizun handiagoa piztuko du. NBEren Batzar Nagusian bozkatuko da orain gaia eta proposamena onartuz gero 2017ko udaberrian hasiko dira itun berriaren negoziaketak. Xehetasun garrantzitsua: Segurtasun Batzordean gertatzen denaren oso bestela, Batzar Nagusian potentzia handiek ez daukate beto eskubiderik. Bai daukate, prefosta, herrialde ahulagoak presionatzeko bestelako tresna ugari.
1968an onartutako Ez Ugaritze Itunaren gainean (NPT Non-Proliferation Treaty ) oinarrituta, orain mahai gainean jarri da lehenbiziko aldiz gaiari bere osotasunean heltzeko eztabaida, esan nahi baita, arma nuklearrak erabili, kokatu, ekoiztu, garraiatu, pilatu eta finantzatzeko jarduerak oro debekatzea.
NPTk armak ez ugaltzea baldin bazuen helburu, 1968ko hura paper hutsean utzi dute horretarako gai izan diren herrialdeek. Famatua da Israelen kasua, mundu guztiak daki ia ziento bat buru nuklearren jabe dela, lasai ederrean NPTri izkin eginez, baina gainera NPT sinatu zutenek ere jarraitu dute arma berriak ekoizten eta zaharrak eten gabe modernizatzen. Itun berria egia bihurtzen baldin bada, bai NPT sinatu dutenek eta bai sinatu ez dutenek, denek edukiko dute ez bakarrik arma berriak sortzeko debekua baizik eta dauzkatenak desegiteko behar legal argia.
Urriko bozketa historikora iristeko sei urtez lana beltz egin behar izan dute mugimendu bakezaleek eta gerra atomikoaren kontra mobilizatzen diren militante eta pertsonalitate ezagunek. Rebecca Johnson ekintzaile pazifista eta berdeak Open Democracy gunean azaldu duenez, 98 herrialdetako 440 gizarte erakunde aritu dira gaia astintzen ICAN Arma Nuklearrak Debekatzeko Nazioarteko Kanpainarekin batean, 15 Nobel saridunek sustatuta.
Horiek lortu dute asmoarekin bat egitea arma nuklearrik ez daukaten zenbait estatuk: Austria, Brasil, Irlanda, Mexiko, Nigeria eta Hegoafrikak sustatu dute NBEren batzordearen erabakia, 57 gehiagoren babesez. 38 herrialdek eman zuten kontrako botoa eta 16 gehiago abstenitu ziren.
Bozketaren aurreko asteetan Norvegia, Herbehereetako eta Belgikako parlamentuek beren gobernuei eskatu zieten negoziaketen aurka ez jokatzea, baina soilik herbehereetarrek lortu zuten beren gobernua gutxienez abstenitzea. Europako Legebiltzarrean ere negoziaketen aldeko botoak irabazi zuen, baina NATOeko gobernuek kontrako botoa eman zuten blokean. Ez da albiste handirik iritsi Iruñea, Gasteiz eta Madrilgo parlamentuetatik.
Apokalipsi nuklearra saihestu
" Arma nuklearrak debekatu eta desegitea mundu mailako lehentasunetako bat da . NBEren batzar nagusiak gu horretara hurbiltzeko aukera handia dauka eta ez digu huts egin behar". Horrela idatzi dute tribuna publiko batean Gerra Nuklearra Ekiditeko Nazioarteko Medikuak, Medikuen Munduko Elkarteak, Erizainen Nazioarteko Kontseiluak eta Osasun Publikoako Elkarteen Munduko Federazioko ordezkari nagusiek.
Agirian irakur daiteke: "Arma atomikoek dakartzaten arriskuak onartezinak dira, pentsaezinezko katastrofe bat saihesteko modu ziur bakarra da armok osoki desegitea. Arma nuklear bakar batek suntsitu dezake hiri oso bat bere biztanle gehienak hil eta bizirik ateratakoei laguntzea ezinezko eginez. Gerra nuklear batek ordu bakar batean jende gehiago hil lezake II. Mundu Gerra osoan hil zutena baino".
Adituok oroitarazi dute hirietan lehertuz gero, bonba nuklearrek sekulako suteak eragingo lituzketela, luzaz iraungo luketen ingurumen kalte estremoekin, Lurreko klima eta nekazaritzaren emankortasuna hondatuz. Gaur munduak dauzkan arma atomikoen %1 bakarra leherrarazteak 2.000 milioi pertsona utziko lituzke gosetearen mende.
Potentzia handiek 15.000 arma nuklear baino gehiago dauzkatenez pilaturik, horiek gerra batean Lurra negu nuklearrean murgilduko lukete, bizirautea lortutako herritarrak utziz irradiazioek eragindako belaunaldiz belaunaldi luzatuko diren kalteen mende, gerra ostean giza bizitza berreraikitzeko azpiegiturak oro suntsituz, ekosistema osoak mehatxatuz eta gizadia amaitze arriskuan jarriz.
Gerra nuklearren irudi apokaliptikook egia da ez direla asko aipatzen aspaldian. Eta hala ere, gaur askoz ugariago eta bortitzagoak dira potentzia handiek dauzkaten arma atomikoak NPT Ez Ugaritze Ituna sinatu zen 1968 hartan zeuzkatenak baino. Arma kimiko eta biologikoak debekatu badira, zendako ez nuklearrak?
Bonba atomikoen jabe diren bederatzi estatuez gain, beren aliatuek ere debeku proposamenaren kontra bozkatu dute. Errusiak eta NATOko potentzia nagusiek esan zuten proposamenak alderantzizko eragina ekarriko lukeela, armen ez ugaltzeko ituna ahultzea.
Kontrakoen artean asko aipatu da Australiako gobernu eskuindarrak ezezkoak biltzen egindako azpi-lana. Bere argudioa, proposamena ez dutenez ontzat hartzen benetan bonbak dauzkaten estatuek, hori aldatu artean australiarrek behar duela AEBetako arma nuklearren babesa.
Errusia, AEBak, Txina, Israel, Erresuma Batua, Frantzia... urteotan saiatu dira lehenbizi debeku proposamenei ezikusia egiten eta gero urrats guztiak boikotatzen. Zer egingo ote dute 2017an debekua lege bihurtzeko kinkan? Ñabardura bezala, eskandalu handiz kontrako botoa eman duen Japoniak –atomoaren sua Hiroshima eta Nagasakin nozitu zuenak– gutxienez agindu du NBEren Batzar Nagusiak azkenean proposamena onartzen badu, berak ere parte hartuko duela negoziaketetan. | news |
argia-0c052b2b5ff4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/erdi-arotik-errenazimentura.html | Gure literaturak merezi duen tornuia | Mikel Asurmendi | 2016-11-20 00:00:00 | Gure literaturak merezi duen tornuia
Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa Batzordeko (LIBeko) kideen lana da. Erdi Arotik Errenazimentura liburua Euskal Literaturaren Antologia sailaren lehen alea da. Antologiak egon badaude, baina berria egitea hobetsi zuten egileek. Orain arteko lanek ez dute jasotzen euskal literaturak merezi duen tornuia. Ondo bidean, beste lauzpabost alek osatuko dute antologia osoa. LIBeko Karlos Otegi, Sebastian Gartzia Trujillo eta Iratxe Retolazarekin mintzatu gara proiektua kolektibo honetaz.
Euskal literaturaren antologiak egon badaude, generoka antolatuak: poesiaz eta nobelaz. Antigoalekoak edo aro modernokoak. Erakargarriak al dira, ordea? Interesgarriak izan daitezke, baina gure solaskideek diotenez, "ez dute ikuspegi osoa eskaintzen, oso mugatuta daude". Antologia berriaren lehen alea –Erdi Arotik XXI. mendera bitartekoa– dagoeneko irakurgai dago: "Gure asmoa antologia osoagoa egitea izan da, autore eta testu gehiago ekarri ditugu: sarrerak, azpi-testuak eta oin oharrak gehitu ditugu. Ez daude euskara batuan ez jatorrizko moldean, bien artean baizik", diosku Karlos Otegik. Antologian hamaika lagunek parte hartu dute. Ezaugarri nagusia talde lana izan da: "Taldea oso egokia da, Iparraldeko eta Hegoaldeko literatur arloko jende zaildua eta ikasia biltzen duelako", gehitu du Sebastian Gartzia Trujillok. Iratxe Retolazaren hitzetan "antologia hau ez da ikerketa lan bat, batez ere, goi-mailako dibulgazioa du xede. Literatura ikerketa dezente daude, baita kritika ere, baina irakaskuntzaren esparrua ez dago ongi betea".
Idazle eta testu klasikoen esparrua osatu gabe zegoen. Klasikoak liburutegi zaharretan eta artxiboetan badaude, baina ez egungo zentro modernoetan, ez behar bezalako euskarrietan. Antologia berriaren arduradunek zubi lana egin dute. Ikerketa eta literatura zaleen arteko espazioa betetzera dator, irakaskuntzarako bitarteko egokitzat joz. Lehenagoko antologiaren bidean beste urrats bat eman dute, testuak gaurkotu eta egokitu dituzte.
S. Gartzia Trujillo:
"Testu zaharretan sorpresa asko hartu dut. Uste baino testu gehiago eta hobeak daude, pentsatzen nuen baino gauza interesgarriagoak"
Gartzia Trujillorentzat lan esperientzia itzela izan da: "Testu zaharretan sorpresa asko hartu dut. Nire arloa bada ere, uste nuen baino testu gehiago eta hobeak daude, pentsatzen nuen baino gauza interesgarriagoak. Testu bat aztertzean oztopoak daude, baina landu ahala, berau gozatzen ikasten duzu". Lanak eman dien plazer handiena hori izan da: "Argibideak emanez testuak ulertzeko bidea erraztu dugu. Baina horiek ez dira filologikoak, testua ulertzeko oharrak baizik", zehaztu du Otegik.
Historia istorioek osatuta
Euskaldunok ez dugu gure herriaren historia behar bezala ezagutzen. Testu hauen bidez ezagutu dezakegu. Adibidez, gure ahaideen liskarrak literaturaren bidez heldu zaizkigu: "Liburua, berez, ez da literaturaren historia, baina historia ikasi daiteke testuon bidez. Historia liburuak testuinguru politikoaz izaten dira sarritan, baina non daude euren garaiko testu biziak? Literaturak beti kontatzen du istorio bat, guk istorio onak ekarri ditugu. Biak behar dira. Historian gertatua istorioz osatua ere bai".
Egungo euskaldunok antigoaleko testuak, hala kanta eta nola bertso zaharrak, jende inkultuenak zirela uste dugula, esan digute LIBeko kideok: "Askotan pentsatzen dugu gure testu zaharrak pobreak direla [Gartzia Trujillo mintzo da], pobreak dira agian asko ez direlako, edo laburrak direlako, baina edertasun aldetik zoragarriak dira, metafora ausartak eta politak daude. Testu horietako askoren egiletasuna ez dugu ezagutzen, baina jende kultuak zirela berretsi dugu".
Retolazak azpimarratu duenez, "gure burua gutxietsi egiten dugu askotan, eta ahozko literaturan erabiltzen ziren baliabideak izugarriak dira".
Liburuaren egitura
Liburua egileen eta testuen arabera egituratuta dago. Autoreek nahiko nortasun, obra edo kalitate baldin badute, kapitulu bat eskaini zaie. Bernat Etxepare, Joan Perez Lazarraga eta Joanes Leizarragak atal bana dute. Horregatik, I. atala, Erdi Aroko Kanta eta Bertso zaharrak biltzen dituena, generoz, gaika edota multzoan antolatuta dago. Kanta eta bertso zaharren autore horietako asko anonimoak dira. Testuak apailatzean ez dituzte bakarrik autoreak aintzat hartu, testuetan agertzen diren protagonistek berealdiko lekua dute Erdi Aroko literaturan. Areago, testu zaharrak elizgizonenak diren ustea aski zabalduta dago, baina garai hartako testu gehienak jende zibilenak dira. Ez da kasualitatea testu horiek Etxepareren aurretikoak izatea, Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuaren aurretikoak: "Trentoko Kontzilioak aldatu zuen errotik euskal kultura ere. Eresiak debekatuak izan zirela jasotzen duen dokumentua dago. Trentoko Kontzilioaren aurretiko kulturaren adierazpideak dira, eta justu ondoren, kultura aldaketaren ondorioz, horiek guztiak murriztu ziren", adierazi digu Retolazak.
Historialariek jasotako testuak landu dituzte arduradunek, dokumentuetako historia jaso dute, eta euren lana kronologikoki zehazki kokatzea izan da: "Ahoz jasota daude batzuk, askotan gertakizunaren bueltan suma dezakezu testua noizkoa den, baina tentu handiz ari behar izan gara" erran digute.
Trentoko Kontzilioaren muga
Etxepareren obran Trento aurreko mundu ikuskera dago. Apaiza izanagatik, adierazgarria da emazteen eta sexuen inguruan nola idatzi duen. XVI. mendeko poema horiek gero zentzuratuak izan ziren: "Trentoko Kontzilioak eragin txarra izan zuen Etxeparek proposatzen zuen ikuspegian. Bere obra publikatu zen, baina justu kultura aldaketa izan zen garaian". Euskaraz publikatutako Linguae Vasconum Primitiae lehen liburuaren egileak kulturaren bestelako ikuspegia islatu zuen bere obran. Besteak beste, Etxepareren Emazten fabore eta Amorosen disputa poesia lanak jaso ditu antologia honek. Etxeparek Bernard Leheteri delako gutunek zabaltzen dute II. atala.
Iratxe Retolaza:
"Trentoko Kontzilioak eragin txarra izan zuen Etxeparek proposatzen zuen ikuspegian. Bere obra publikatu zen, baina justu kultura aldaketa izan zen garaian"
III. atala Joan Perez Lazarragari eskainia dago. Lazarraga noblea eta euskaltzalea zen: "XV. eta XVI. mendeetan euskara ere, nobleen hizkuntza zen. Egun, garai hartako euskara pobreen eta baserritarren hizkuntzatzat hartua da, baina ez, mende horietan nobleen hizkuntza ere bada, testuak jende ikasiak idatzita daude. Testu zahar horiek gehienak mendebaldekoak dira, eta Nafarroakoak", diote Gartzia Trijullok eta Otegik. Paradoxikoki testu gutxienak Gipuzkoakoak dira.
Bitxikeri gisa, I. atalean argitaraturiko Maria Estibaliz Sasiolaren Amodiozkoak eta Perutxoren kanta Lazarragaren testuen artean aurkituak izan ziren: "Patri Urkizuk Estibalitz de Sasiolaren testutzat jo ditu, Urkizuk berak ondutako atalean dioenez. Autoreek pisu handia ez dutenean, testu multzoen atalean egokitu dituzte. Halarik, Sasiolaren testuak kokapen historiko baten aurkikuntza dira, lehen emakume idazleen testuak.Egiari zor, hala denetz ez da guztiz jakina, oraintsu arte, Bixenta Mogel baita lehen emakume idazlea bezala joa. Hala ere, guk testuok Sasiolak sortutakotzat jo ditugu". Solaskideen berbetan, badago horregatik zer ikertua oraindik ere.
Ahaide Nagusiak
Historia jendeek protagonizatutako liskarren bidez heldu zaigu. Euskaldunona ez da beste herrialdeetakoekin alderaturik diferentea. Erdi Aroko testuek liskarrak kontatzen dituzte gehienbat, amodiozko testuak tarteko, bai hemen, bai Espainian eta Europan orobat: "Horiek lehen kapituluan ageri dira, gero erregen garaiko egileak datoz. Etxeparerekin hasita, Leizarraga gero. Honek Albreteko Joanarekin lotura zuen". Erregeek lagundu zuten eskuizkribuak inprimatzen. Alabaina, Lazarragaren obra eskuizkribua da, argitalpenik gabe, ez zen inprimatua izan".
V. atala salbuespena da, Leizarragari dagokio, testuen itzulpenak dira: Joana Albretekoari eta Euskaldunei testuez gain, Ebanjelioen zatiak eta Apokalipsia daude: "Gaia oso eztabaidatua izan zen. 'Euskal Literaturaren Antologian itzulpenak sartu behar al ditugu?'. Baiezko batez trenkatu genuen ezbaia. Itzulpen horiek ekarritakoa izugarria baita, Anjel Lertxundik aitortu du lan funtsezkoa dela. Euskaraz sortuak edo lehen aldiz argitaratutako liburuekin batera salbuespen izan da Leizarragarena, hizkuntza eredu bat eskaintzen duelako".
V. eta VI. ataletan Gutunak eta Paremiak egokitu dituzte. Gutunak Bertrand Etxauz eta Urtubiako anderearenak dira. Etxauzen eskuizkribuak Parisko Biblioteka Nazionalean daude eta Urtubiarenak Simancasen (Salamanca). Paremiak Esteban Garibairen Refranes y Sentencias (1596) dira. Paremiak, adagio, axioma eta errefrauak dira gaztelaniaz: "Gutunak eta paremiak literatura al dira?". Horretan ere eztabaida izan zen: "Bai eta ez. Hala ere, atal bi horiek sartzea erabaki genuen". Solaskideen hitzetan, gutunak euskaraz sortutakoak dira, bi hizkuntzatan agertu diren arren. "Batzuk garbi dira euskarazkoak, beste batzuk zalantzazkoak, lehenik gaztelaniaz eta gero euskaratuak. Asko euren itzulpenak dira, itzulpenak baino moldaketak. Ahozko errefrauak dira, eta hala edo nola jasoak, batean euskaraz bestetan gaztelaniaz. Beraz, ezin jakin zein hizkuntzan diren sortuak".
Karlos Otegi:
"Euskal Literaturaren Antologian itzulpenak sartu behar al ditugu? Baiezko batez trenkatu genuen ezbaia"
Errefrauak literatura generotzat hartuak ziren garai hartan, gutunak ez bezala. Hauek orduan halakotzat hartzen ez ziren arren, oso adierazgarriak bilakatu dira egun, pertsona historiko horiek euskara hautatu eta erretorika landu zutelako: "R. M. de Azkuek dioenez, [Gartzia Trujilloren hitzetan] XVI. mendean gutunak euskaraz idatzi zituzten, horietako batzuk komertzialak ziren, eta oso ongi idatziak. Badira ere espioitza eta gerra gutunak".
"Jendeak dio [Retolaza eta Otegi ari dira] gure literatura ahula dela, baina betiere espainolarekin, ingelesarekin, alemanarekin edo frantsesarekin alderatzen delako. Ezin da ordea, konparatu. Ez hiztun tamainan eta hedaduran, ezta portuges eta katalanarekin ere. Orduko euskal literatura Albaniako edo Estoniako literaturekin alderatu behar da. Testuok garaiko onenak dira, historikoki oso adierazgarriak direlako. Gainera, kontua ez da soilik guk gaurtik begiratuta zer hartzen dugun testu literariotzat, liburua historiaren ibilbidean eginda dago". Gartzia Trujilloren iritziz "arazoa ez da hizkuntzarena ez hiztunena, guk baditugu jende onak literaturan, baina ez dugu unibertsitaterik izan, ez instituziorik. Ez ditugu baldintza egokiak izan literatura oparoagoa jasotzeko".
Kulturak baliabide ekonomikoak behar ditu egun ere. Antologia hau luzerako proiektua da, eta lehenengo zenbakiak garrantzia berezia izan du. Izan ere, solaskideen aburuz, gure kulturaz hitz egiten dugunean, duela 20-40 urteko lanak klasikotzat jotzeko joera dago: "Gaurkoak kontuan hartu behar dugu, baina antigoaleko autoreek zein ildo eta genero literario jorratu zituzten jakitea komenigarria da. Besterik ez bada, euren ezaugarriek gaurko literaturan duten eragina ezagutzeko. Iragan mendeko 80ko hamarkadako literatura ezagutzeko aurrekoen literatura ezagutu behar dugu, egile horiek ordukoen erroetara jo dutelako".
Transmisioa etena
Transmisioa eten egin da. Egun, gaurkoari garrantzia handia ematen zaio, eta aurrekoari ez. Otegi, Gartzia Trujillo eta Retolazak, liburua talde lana dela azpimarratu dute: "Guztion artean egin dugu hautaketa. Liburuan nik [Gartzia Trujillok] lehenengo zatian lan egin dut Iratxerekin, baina ez dugu biok bakarrik egin, irizpideak eta ezaugarri nagusiak denok artean erabaki ditugu, iritzia denona izan da. Liburua oso eztabaidatsua izan da". Otegik dioenez "eztabaida nagusia testuak hautatzerakoan izan da, egokitzapena egiterakoan. Adibidez, H bai edo ez. Hemen jarri, eta hor ez. Gehiengoak erabaki du hala ere".
Eztabaidak hainbesterainokoak izan dira, ezen eta atalen "egilea" eta "arduraduna" jarri artean eztabaidatu zutela: "Ez gara testu horien egileak, sarrera eta ohar egileak gara, orduan egokiena arduradunak garela esatea da". | news |
argia-dac8f7f4d1d6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/antisorgailu-hormonalak.html | Askatzaileak bai, eta osasungarriak? | Malen Aldalur | 2016-11-20 00:00:00 | Askatzaileak bai, eta osasungarriak?
Emakumeek beren gorputzez erabakitzeko tresna gisa gizarteratu zituzten antisorgailu hormonalak. Sexu harremanak haurrak ekartzeko bitarteko izatetik plazer esparru izatera igaro dira. Negozio iturri galanta dira ordea emakumeentzako antisorgailuok, eta osasunerako kaltegarriak ez direla esatea asko esatea da. AEBetan farmazia-industriari jarritako salaketa kopuruak ikusi besterik ez dago.
Ginekologoek –harreman egonkorrak dituzten emakumeei behintzat– antisorgailu hormonalak errezetatzen dituzte. Nazio Batuen Erakundeak 2013an egindako Munduko Kontrazepzio Ereduak ikerketaren arabera, haurrak izateko garaian dauden emakumeen %13,5ak hartzen ditu antisorgailu hormonalak, hirugarren antisorgailu mota erabilienak dira. Noizbehinkako harremanetan, aldiz, oraindik kondoia gomendatzen dute.
Hainbat antisorgailu hormonal mota daude emakumeentzat: pilulak, partxeak, eraztunak, eta UBG umetoki barneko gailua (DIU bezala ezagunagoa). Baina zein albo-kalte dituzte haurdunaldiak saihesteko erabiltzen diren antisorgailu horiek? Badago bestelako aukerarik? Zergatik egiten dituzte soilik emakumezkoentzako antisorgailu hormonalak?
Espainiako eta Frantziako estatuetan farmazia-industrien aurkako salaketak urriak diren arren, Ameriketako Estatu Batuetan emakume asko dira antisorgailu hormonalek sortutako kalteak salatu dituztenak. Meritxell Guàrdia i Serentillek Pikara Magazine aldizkarian Anticoncepción hormonal: lo que nos venden y no nos cuentan artikuluan aipatzen du farmazia-industriak epaiketak saihesteko milioika dolarreko indemnizazioak ordaindu dituela erabiltzaileek jarritako salaketengatik. Salatutako antisorgailuen artean aipatzen ditu Yaz, Yasmin, Diane35 (Bayer markakoa) eta NuvaRing. Zainetan odolbatuak sortzea da, esaterako, albo-kalteetako bat.
2014. urtean Bayer farmazia-industria alemaniarrak aitortu zuen 1,8 milioi dolar ordaindu zituela Ameriketako Estatu Batuetan Yaz, Yasmin, Ocella eta Gianvi markengatik pilatutako 8.999 salaketen harira, eta oraindik 4.000tik gora salaketa geratzen zaizkio ordaintzeko.
Miguel Jara Madrilgo kazetaria da, osasun eta ekologia gaiak ikertzen ditu, eta besteak beste, Laboratorio de médicos. Viaje al interior de la medicina y la industria farmacéutica (Península, 2011) liburua argitaratu du. Informazioa ezkutatzeko farmazia-industriak egiten duen ahalegina salatzen du bere lanaren bidez: "Saldu ahal izateko nahi dutena kontatzen digute. Egiazko informazioaren beldur dira, bezeroak galdu ditzaketelako".
Meritxell Guàrdia i Serentillek Pikara Magazine -n AEBetako Droga eta Elikagaien Administrazioak 2012an emandako datu batzuk aipatzen ditu. Horien artean, esaten du 2004 eta 2008 urte bitartean antisorgailu hormonalek zerikusia izan zutela 50 pertsonen heriotzetan.
Bestalde, kontuan izan behar da horiek hartzen dituzten emakume askok ez dituztela haurdunaldiak saihesteko hartzen, bestelako osasun arazoei aurre egiteko baino: akneari edo burusoiltasunari kasu. Hainbat mediku elkartek beste alternatiba batzuk ez lehenestea salatu dute.
NuvaRing eraztunak ere mila salaketatik gora jaso ditu. Antisorgailu hori da eraztunen artean ginekologoek gehien gomendatzen dutena. Bestalde, Diane35 antisorgailua merkatutik kendu zuen 2013. urtean farmazia-industria frantses batek, segurtasun arrazoiengatik.
Zein eragin dute antisorgailuek emakumeen gorputzetan?
Pilulek, partxeek eta eraztunek feedback moduko bat eragiten dute hipofisiaren eta obarioaren artean, eta horrela, obuluak sortzea saihesten da. Formula konbinatu eta sekuentzialen bitartez obulutegia ezgai bihurtzen da. Funtsean, antisorgailu hormonalek norbere buruari iruzur egiten diote.
Antikontzeptibo horiek osasun onurak ere badituztela aldarrikatzen da. Honako hauek aipatzen dira: tronpatako infekzioak gutxitzen dituzte, endometriosia babesten dute, obarioko kisteak gutxitzen dituzte eta obarioetako minbizia izateko aukerak ere murrizten dituzte.
Aldiz, emakume erabiltzaileen salaketek bestelakoa ere badiote. Arlo emozionalari erreparatuta, askok depresioa, sexurako gogorik eza edota desoreka emozionalak aipatzen dituzte. Carmen Valls endokrinologoak Mujer y Salud izeneko aldizkarian epe motzeko zenbait ondorio aipatzen ditu: pisua hartzea, goragalea, bularretako mina, hilekoaren zikloak gutxitzea, metrorragia eta edemak. Beste ondorio batzuk epe luzekoak dira: sistema endrokinoan kalteak sortzea edo haurdun geratzeko aukerak gutxitzea. Dena den, ondoriorik larriena tronboenbolismo arteriala litzateke, hau da, zainetan odolbilduak sortzea.
Altenatibak
Guàrdia i Serentillek antisorgailu hormonalaren alternatibak aipatzen ditu; horien artean, batetik, diafragma, eta bestetik, haurdunaldia saihesteko metodo naturalak. Aukera horiek gorputzaren eta hilekoaren inguruko ezagutza handia eskatzen dute. Erakundeek metodo horiek baztertzeko ematen duten arrazoia eraginkortasun eza da, nahiz eta Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, eraginkortasuna %95 eta %97 artekoa den.
Diafragma disko itxurako antisorgailu fin eta malgua da, eta hesiarena egitea du helburu. Umetokira bidean jartzen da eta espermatozoideei sarrera eragozten die. Sexu praktika baino bi eta sei ordu bitarte lehenago jarri behar da eta sei orduren ondoren erantzi. Antisorgailu naturalei dagokienean, berebiziko garrantzia du norbere burua eta zikloak xehetasunez ezagutzeak. Egun ugalkorretan sexu harremanak izatea baztertzen da.
Erakunde gehienek antisorgailu hormonalak gomendatzen dituzte, haurdunaldia saihesteko eraginkorrenak diren antikontzeptibotzat dituztelako, eta AEMPS Espainiako Estatuko medikamentu eta osasun produktuen agentziaren arabera, kalteak baino onurak gehiago dituzte. Orain dela urte batzuk, agentzia beraren aginduz, antisorgailu hormonalen prospektuak eguneratu zituzten; egiazko albo-kalteak ager zitezen eskatu zuten. Hala ere, hainbat kolektibok ikerketa gehiago eskatu du, ez baitago argi epe luzera zein ondorio izan ditzaketen.
Azken 30 urteetan asko aurreratu da antisorgailu hormonalei dagokienean. Duela hiru hamarkada hormona dosi oso altuak zituzten antisorgailu hormonalek: 50 mikrogramo. Emakume askori kalte egiten zien, eta azukrearen metabolismoan, gantzaren metaketan eta gibeleko gaixotasunetan eragina zuen. Orain dela 25 urte dosi kopurua 30-35 mikrogramotara jaistea lortu zuten, eraginkortasuna galdu gabe, eta emakumeei albo-kalte gutxiago eragin zizkieten. Azkenik, orain dela 15 urte, 15-20 mikrogramora jaitsi zuten dosia, emakume gehienengan ondo funtzionatuko zuela pentsatuta. Dena den, batzuek uste dute hormona dosiak gutxitzeak ez duela zertan beti onura ekarri. Trótula crítica ginekologiaren inguruko webguneak hainbat argudio erabiltzen ditu hipotesi hau defendatzeko. Hasteko, azaltzen du estrogeno kopurua asko aldatu daitekeela emakume batetik bestera, baita hilekoaren egunaren arabera ere. Antisorgailu hormonalak hartzean obarioak funtzionatzeari uzten dio. Denbora tarte horretan gorputzean dauden hormona femeninoak antisorgailuak botatakoak baino ez dira izango. Dena den, azaltzen du ohikoa dela antisorgailu hormonalek hainbat albo-kalte sortzea lehen hiru hilabeteetan; hortik aurrera jarraituko balute, antisorgailua aldatzeko gomendioa egiten dute.
Osasunaren Mundu Erakundeak dio diafragmak eta metodo naturalek %95etik gorako eraginkortasuna dutela. Alabaina, erakunde askok baztertu egiten dituzte eraginkortasuna
ez delako nahikoa
Gizonentzat zergatik ez?
Azken urteetan hainbat ikerketa egiten ari dira gizonezkoentzako antisorgailu hormonalak asmatu asmoz, baina oraindik ez dituzte merkaturatu. Gaur egun gizonentzat bi antisorgailu mota daude: kondoiak eta basektomia.
Kondoiek hainbat abantaila dituzte: merkeak dira, eta sexu transmisiozko gaixotasunak saihesteko balio dute. Basektomia berriz, ia guztiz eraginkorra da. Barrabilak semen besikularekin lotzen dituen hodi deferenteak mozteko ebakuntza egin behar da eta ondoren hainbat denboraz antisorgailu bat erabili. Oso zaila da behin basektomia eginda atzera itzultzea.
Esanguratsua da azken urteetan emakumeentzako antisorgailuek izan duten garapena eta sortu dituzten aukera anitzak ikusita, gizonetan arlo hori hain gutxi garatu izana. Gaur egun hainbat ikerlerro abian dira, besteak beste, hormona sintetikoen bidez tarte baterako espermatozoideak sortzeari uzteko metodoa, eta modu ez hormonalei dagokienean, espermatozoideak baginan ez sartzeko teknikak probatzen ari dira.
Jalees Rehman Illinoiseko Unibertsitateko ikertzaileak azaldu duenez, proba klinikoetan parte hartzen duten gizon boluntarioek emakumeek baino gutxiago jasaten dituzte albo-kalteak. Orduan zergatik ez dira gizonezkoentzako antisorgailu hormonalak merkaturatzen? Farmazia-industriek ez dute interes berezirik jarri horretan; adibiderako azken urteetan merkaturatu dituzten emakumeentzako antisorgailu hormonal andana eta gizonentzako antisorgailu hormonal urriak.
Dena den, aipatzen dituzte bestelako zailtasun batzuk ere, esaterako, emakumezkoek hilean obulu bat sortzen dute eta gizonezkoen kasuan milioika espermatozoide desegin beharko lituzkete. Ikertzen ari dira, eta emaitzak ere lortu dituzte; baina badirudi farmazia-industriek ez dutela gizonentzako antisorgailu hormonaletan inbertitu nahi.
Argazkia: Dani Blanco. | news |
argia-99648610aa5c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/josu-aizpurua-egi-ko-kide-ohia.html | "EGIren komandoetan gauzatutako ekintzek zaildu gintuzten" | Miel Anjel Elustondo | 2016-11-20 00:00:00 | "EGIren komandoetan gauzatutako ekintzek zaildu gintuzten"
60ko hamarkadan Bizkaiko erresistentziaren zurrunbiloaren begian zen. Alderdi jeltzalearen EGI gazte mugimenduaren baitan eratu ziren taldeak ibili zituen, komando bereziak. Tenerifen (Kanariar Uharteak) argitaratu berri duen lanean gordin kontatu ditu orduko amets zapuztuak.
Zure gaixotasunak azti ibiltzera behartu nau…
Hobeko duzu! 70 urte beterik, Kariben ordurako, medikuak jakinarazi zidan aortan aneurisma bat nuela, eta ez txiki-txikia ere. Ebakuntza agintzen zidan, protesia jartzea, ez zedin aorta lehertu. Hamabi hilabetean berrosatuko nintzela eta, harrezkero, beste hamabost urte biziko nintzela. Gaizkixe! Kontua da, ordea, polineuropatia diabetikoa ere badudala, genetikoa, eta horrek paralisira naramala poliki-poliki. Nola egingo dut, bada, bihotzeko ebakuntza, gero hamabost urte gurpil-aulkiari lotuta egoteko? Ezta pentsatu ere! Ibiltari porrokatua naiz, bizigarri dut oinez ibiltzea, tentsioak lasaitzen dizkit, ideiak ordenatzen laguntzen dit, egitekoak aukeratzen. Hil arte bizi, beraz.
Bilbon jaioa 1946an, gerra ostea.
Gerra ostea Bilbon… Frankismoa, faxismoa, errepresioa, giro atzerakoia. Oso oroitzapen mingotsa dut garai hartakoa. Errepublikak ekarri zuen askatasun haizea Francoren Erregimenak eraman zuen, odoletan. Espainia garaile, Euskadi garaitua, eta horren ondorio dramatikoak. Gure ama, esaterako, gerrako umeetakoa izan zen. Nora edo nora Frantziara joan behar izan zuen, senide txikiagoak zaintzen zituela. Erbestetik itzuli, ileapaindegian lanean hasi eta, etxetik hara eta handik etxera, igeltsero bat ezagutu zuen, gure aita izango zena.
"Beste zer esanik ez da, esatean ama", Uztapide bertsolariak kantatu zuena.
Ez alferrik. Eskolara hasi behar izan nuenean, amak nik baino okerrago eraman zuen: goizeko bederatzietan eskolara sartu nintzenetik ordu batean irten nintzen arte, eskolako atarian nire zain egon zen. Irten nintzenean, berriz, urtebetean ikusi ez banindu bezala besarkatu ninduen. Eta ez ninduen atzera eskolara bidali. Andereño bat, "andereño Enkarne", ekarri zidan etxera, Indautxuko jesuiten ikastetxera sarrera-froga gainditzeko presta nintzan.
Bilboko kale-giroa zen bat, zure baitakoa beste bat.
Nik esan ohi dudanez, zirkunstantziek –Ortegaren haiek, "ni eta nire zirkunstantziak"–, egin ninduten. Inork ez zuen neurriz gain eragin niregan, inork ez ninduen behartu halako bide bat edo beste bat hartzera. Prozesu naturala izan zen, intelektuala bezain sentimentala. Francoren Erregimena jasanezina zitzaidan eta, astiro-astiro, haren kontra egin nuen, nire burua klandestinitatean ikusi nuen arte.
Entzuna dizut anekdota jakin bat.
Hor dut beti ditxosozko gertaera. Etxera nindoan lagun batekin batera trolebusean, eta jakako paparrean Biarritzeko Oldarra dantza taldearen ikurra neraman: dantzari bat ageri zen, zuriz, hondoaren gainean, partez berde, partez gorri. Trolebus berean sekreta bi, nonbait, Alhondiga parean gidariari geratzeko agindu zioten-eta, behintzat. Udaltzaingoaren egoitzara sartu eta, udaltzainei txintik esateke, gela batera eraman ninduten. Lau galdera ergel egin zizkidaten eta, segidan, joka eraso zidaten: egurra eman zidaten, lixiba, oso modu "profesionalean", arrasto nabarmenik uzteke. Hamahiru urte izango nituen, eta hasieran, negarrari eman nion, izu-ikaratan. Baina, bat-batean, barruko amorrazio guztia etorri zitzaidan, eta egurrari eutsi nion, estoiko. Gero, gure aitari hots egin zioten, ez dakit zer esan zioten, baina aitak auto bat bidali zuen, jaso ninduen, eta kito. Inoiz ez zuen ezer esan. Amari, berriz, kalean borrokan ibili nintzela esan zioten. Nire lagun hark ere inoiz ez zuen ezer esan. Koldarra behar du, gero!
Latza…
Ikaskizuna atera nuen: azti izan behar dela ikasi nuen, ez duela merezi pankarta erakusten ibiltzeak, alferrikako alardeak uzten.
Argazkia: Zaldi Ero.
Zeure sentipenak ere modu klandestinoan bizitzen, gero egingo zenuenez.
Baliteke, nahiz eta Euzko Gaztedin ez ginen ezer ezkutatzen ibiltzen. Mendira hasi nintzen lagunekin, han beste lagun batzuk egin nituen, eta haien artean Euzko Gaztedikoak ziren batzuk. Laster konturatu ziren zer joera nuen, eta Uralita [Iñaki Renteria] aurkeztu zidaten, Euzko Gaztediko buruetakoa sasoian, eta hark euren erakundean sartzeko esango zidan. Mendi ibilaldiak egiten genituen, baina ez noranahi, gerra garaiko leku esanguratsuetara baino, Bilboko Burdinazko Gerrikora nahiz Arabako fronteko lekuetara… Eta beti zen baten bat hitzaldia egiten –Txomin Saratxaga bat, adibidez–, PNVren bertsioa kontatzen. Ondoren, EGIn sartu nintzen. Ez ginen asko ere. Gure taldean lau ginen: Mikel, Jon, Zezilio eta lauok, eta bosgarrena, Koldo bat, buru. Bizkaian beste hiru talde osatu ziren, eta Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan bana.
Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi, 1969an hilak, EGIkoak ziren?
Nafarroako taldekoak. Batzarrak egiten genituen ezkutuan, ikastaroak, entrenamenduak… Eta, nola ez dakidala, egun batean –iluntzez–, horma pintaketan ikusten dut neure burua, beste hiru lagunekin batera –eta isipua eta pertza–, inork agindutako kontsignak ipintzen. Horrelaxe hasi ginen Francoren kontrako erresistentzia militarrean. Kasik hamar urte ibili ginen horrela, erbesteko Eusko Jaurlaritzak babestuta beti: ikurrinari zina eginez hasi ginen mendian 1962an, Euzko Gudarosteko komandantearen aurrean, eta azkenean, EGIren komando berezietan ibili gintuzun kasik hamar urtez.
EGIren komando berezietan? Zer izan ziren komando berezi horiek?
Gazteak –langileak batzuk, ikasleak beste batzuk–, EGIkoak, prestakuntza ikastaroak egindako jendea, "militarrak", Joseba Emaldiren gidaritzapean. Itaunketa praktikak egiten genituenean, adibidez, zera esaten ikasi genuen: "eusko gudaria naiz eta Ginebrako III. Hitzarmenari heltzen diot". Baina errazago da esaten, parean daukazun poliziak horri kasu egitea baino. Bazen bat, Escobar izeneko polizia bat, sekulako garrotea erabiltzen zuena. Hark ez zizun barkatzen: "Hemen garrote hauxe da Ginebrako III. Hitzarmena!".
"Erbesteko Eusko Jaurlaritzak urratsak egin nahi zituen demokraziaren bidean, eta guk berriz, hogei urteko gazteok, ez genuen estrategia politiko hura ulertzen"
Zein ekintza egiten zenituzten?
Guk esaten genuen "defentsako erresistentzia" egiten genuela. Komandokideen diziplina erabatekoa zen, militarra. Biolentzia erabiltzen genuenean ere –polizien eta parapolizien kontra–, defenditze aldera zen. Eta monumentu faxistak zartarazten genituenean ere, beti zen komandokideren bat zaintzan, zauriturik gerta ez zedin. Gainerakoan, betikoak, pintaketak egiten genituen, ikurrinak ipintzen, monumentuak zartarazten… Hamaika holako. Urte osoan zehar jarduten genuen borrokan, baina Aberri Egunaren aurreko egunetan areagotu egiten genuen gure lana.
Poliziak ere zaintza indartuko zuen, ezta?
Bai, nahiz eta hasieran Brigada Politiko Soziala ez jabetu gure lanak zuen garrantziaz. Egia esan, baldarrak ziren lanean. Ez zekiten polizia kalera ateratzen besterik, ea harrapatzen ote gintuzten. Egun handien bezperan han ibiltzen ginen, katua eta xagua bezala. Falangista zaharrak ere poliziarekin bat eginda ibiltzen ziren, eta inoiz hormak pintatzen harrapatzen bagintuzten, autotik tiroka erasotzen ziguten. Guk airean joan behar izaten genuen. Gurekin baino lan handiagoak izan zituzten ETAko gazteekin, zeren hauek pistolak baitzituzten, eta erantzun egiten zieten. Orduan, falangista zaharrok ezkutatu eta bestelako polizia bat, buruargiagoa, etorri zen.
Zer etorri zen gero? Artajo eta Asurmendi hil eta gero, adibidez.
Komandoen artean espero zen noiz edo noiz horrelakorik gertatzea, baina erbesteko Jaurlaritzan gorabeherak izan ziren. Epelenek komandoetako arduradunen kontra ekin zioten, EGItik kanporatzea eskatzen zuten, babesa erretiratzea. Komandoetako kideok, berriz, Artajo eta Asurmendi heriotzara eraman zituen plana bururaino eraman nahi genuen.
Zein plan?
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako monumentu faxista bana zartatzea, eta Valladolideko egunkari baten kontrako atentatua egitea, euskaldunen kontrako eraso xenofoboak besterik ez baitzetozen egunkari hartatik. Gazteek ekin nahi zioten. Arduradun politikoek, ez. Bitartean, ETAkoak gure egonezaz konturatu ziren, eta euren errotara eraman zituzten urak. EGIren komando berezietako kideetako askok beraiekin bat egin zuten. Tarte batean, inork ez zekien EGIkoa zen, ETAkoa, edo nongoa. Sekulako porrusalda izan zen. Erbesteko Eusko Jaurlaritzak urratsak egin nahi zituen demokraziaren bidean, nazioarteko politikan murgilduta zebilen gobernua, eta guk berriz, hogei urteko gazteok, ez genuen estrategia politiko hura ulertzen. Bakanak ginen hasieran, baina ehun izatera ere iritsi ginen, ekintzak egiteko gaitasuna genuen, baita gogoa ere, eta aldiz, geldirik egoteko esaten ziguten. Jakina, batzuk ez ziren geratu, beste bide batzuetatik segitu zuten, ETAra jo zuten.
Argazkia: Zaldi Ero.
Zer egin zenuen zuk?
Lehenengo, Ipar Euskal Herrira joateko agindu zidaten, soldadutzara ez joateko. Gero, bestelako agindua eman zidaten, soldadutzara joateko, baina egiteko garbi batekin: zelulak sortzea, materiala lapurtzea eta defentsa-eskuliburuak egitea. Nahiago nukeen Iparraldera joan, baina aginduak bete eta Arakara. Armadako Inteligentzia Zerbitzukoek zaintzapean eduki ninduten, baina nik zozo itxurak egiten nituen: tiro praktikak egitera joaten ginenean, inoiz ez nuen nire jomugan jotzen. Kar, kar… Aginduak bete nituen, materiala lapurtu eta beste, baina inork ez zuen jasotzen nik lapurtutakoa, bitartekariek huts egiten zuten. Susmo txarra hartu nion gauzari, eta egia, soldadutzatik itzuli nintzenean, ezer ez, komando bereziak deseginak zituzten. Eta inork ez zidan azalpenik eman.
Garai iluna ekarri duzu argitara oraindik orain, Ilusiones truncadas [Amets zapuztuak] liburua publikaturik.
Ongi pentsatuta egin dut, ondorioen jakinaren gainean. Nik ez nuen nahi gazteek euren historia jakitea besterik. Iragana giltza da: nora goazen jakiteko, jakin behar dugu nondik gatozen. Gauzak argitara ekarri behar dira, 36ko gerra zergatik piztu zuten, Bigarren Mundu Gerra, aliatuek egin ziguten abandonoa, erresistentzia, Trantsiziorako bidea… Orduko agintariek bide jakin batzuk hartu zituzten. Alabaina, sekula ez da behar bezala azaldu zergatik hartu zituzten erabaki jakin haiek, eta ez bestelakoak. Jende gehiegi hil zen, eta hil zuten, ametsezko Euzkadi baten alde, eta batzuetan iruditzen zait botoak biltzeko erabiltzen dela hildako haien memoria.
Noizdanik pentsatzen duzu hori?
80ko hamarkadan. Laguna nuen Espainiako armadako abokatu bat. Behin, kontatu zidan Alkateen Mugimenduaren garaian [1976], alkate abertzale bat izan zuela bulegoan, eta taldearen izenean zinez agindu ziola inoiz ez zutela independentziaren alde egingo. Geroago, jarrera hura nik neuk egiaztatu ahal izan nuen, eta hori guztiz erabakigarria gertatu zitzaidan.
Zer diozu gaur egun, orduko hartaz?
Berriz egingo nuke. Faxismoaren kontrako erresistentziarekin bat egitea erabaki nuen, neure gogoz, eta pozik nago urteek arrazoia eman digutelako… Gazteak ginen, besteak bezalakoxeak, baina denboraren joanak eta EGIren komandoetan gauzatutako ekintzek zaildu gintuzten. 70eko hamarkadaren hasiera orduko, gure gaitasuna ez zen txikia ere. | news |
argia-7fbb4872a5c3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/aebetako-hauteskundeak.html | Ekonomia da, ergela | Asier Blas Mendoza | 2016-11-20 00:00:00 | Ekonomia da, ergela
AEBetako hauteskunde biharamunean, Harvard unibertsitatean ospatutako mahai inguru batean David Laibson irakasleak esplikatu zuen ekonomiak garrantzia handia izan duela Donald Trumpek jaso duen babesa ulertzeko. Edison Research for the National Election Pool-ek hauteskunde egunean hautestontzietatik pasatako 24.537 pertsonari egin zien galdeketa. Inkestatuek lau aukeren artean identifikatu behar zuten hauteskundeetako gairik garrantzitsuena: %52ak ekonomia hautatu zuen gako nagusi gisa, %18ak terrorismoa, %13ak kanpo politika eta %13ak etorkinak.
Egoera ekonomikoa bikaina zela esan zutenen artean %16ak Trump bozkatu zuen eta egoera ona zela esan zutenen artean %19ak. Berriz, egoera balekoa (ez ona ez txarra) dela uste zutenen %55ak babestu zuen Trump, eta egoera txarra zela esan zutenen %79k egin zuen hautagai errepublikarraren alde. Honek arrakasta izan du bereziki ikasketa unibertsitariorik gabeko zurien artean (%67), izan ere, horiek baitira erlatiboki atzera pausu gehien ikusi dituztenak beren egoera sozioekonomikoan. Amets amerikarraren baitan dagoen ideia da familiako hurrengo belaunaldiak hobeto biziko direla, baina hori aspaldi hautsi da ikasketa unibertsitariorik gabeko zurien artean.
Unibertsitateko ikasketak ez dituzten pertsonak azpi-ordezkatuta daude AEBetako botere esparru askotan, besteak beste, ekonomian, politikan, kulturan, hedabideetan eta alderdi politikoetako eliteetan. Horregatik, beren ardura eta kezkek ez dute protagonismo handiegirik izaten agenda politikoan. AEBetan 50 urtez ari dira desberdintasun sozialak handitzen eta azkeneko 30 urtetan erritmoa asko bizkortu da. Laibsonek hori azaltzeko ikasketa mailaren araberako soldaten garapenari erreparatu zion: ikasketa unibertsitarioak dituztenen soldatek hazkunde handia izan dute azkeneko hamarkadetan eta aldea handitu baino ez da egin ikasketa unibertsitarioak ez dituztenen aldean.
Hauteskunde eguneko galdeketak familiaren egoera ekonomikoaz ere galdetu zuen. Egun egoera hobea dutenen %24ak soilik babestu du Trump, egoera antzekoa dutenen artean %46ak eta aldiz, egoera okerragoa bizi dutenen %78ak botoa eman du errepublikarraren alde. Etorkizuneko familiaren espektatiba ekonomikoari dagokionez, aurreikuspen txarrak zituztenen artean, %63k bakarrik hautatu zuen Trump.
Datu hauek argi utzi dute Bill Clintonek Bush aitari irabazi zionean bolo -bolo zebilen lelo ez ofizial hura egia izan dela beste behin: ekonomia da, ergela. Trumpek boto-emaile kontserbadorea fidelizatzeko mezuak bidali ditu, besteak beste, abortuaren aurka, zergak jaistearen alde edo armen gaineko kontrolaren aurka. Baina benetan berritzailea izan dena da globalizazio neoliberalaren galtzaile nagusiak identifikatu eta horien ardurak lehen lerroan jartzea: etorkinak, industriako lanpostuak, merkatu askeko akordioak, kriminalitatea, eskuragarri den osasungintza bat, amets amerikarra (klaseen
arteko mugikortasuna), harrotasun nazionala, botere finantzarioen diktadura, establishmenta etab.
Trumpek erabili duen estrategia beraz, eraginkorra izan da. Hauteskundeak irabazi ditu, nahiz eta hedabideak, botere faktikoak eta bere alderdiko parte bat aurka izan. Eskuin populistak egiten duen legez, Trumpek hautsi egin du Coca Cola eta Pepsi artean hautatzeko hauteskundeekin. Mendebaldean inposatu den muturreko zentro progrearen ideologia onargarri bakarrarekin hautsi du. Baina dena esan behar bada, demokratek asko lagundu dute. Izan ere, globalizazio neoliberala, establishmenta eta ustelkeria pertsonifikatzen ditu Hillary Clinton eta nekez irudika daiteke bera baino hautagai okerragorik.
Demokraten gaixotasuna Mendebaldeko ezker hegemonikoan instalatuta dagoenaren seinale gisa, Europar parlamentuko talde ezkertiar guztiek babestu dute Hillary Clinton, ikuspegi kritiko gutxirekin. Propaganda tsunami bat egon da hautagai demokrataren alde, momentu batzuetan XXI. Mendeko Emma Goldman baten aurrean ginela zirudien. Errealitatea ordea, oso bestelakoa da. Clintonen alde egitea zen Wall Streeten interesak defendatzen dituen hautagaiaren aldeko kanpaina egitea. Clintonen aldeko kanpaina egitea zen inperialismo gerrazale sutsuenaren alde egitea. Baina, antza Clintonen hildakoak, suntsitu dituen herrialdeak edo babestu dituen estatu kolpeak ez dira arrazoi nahikoa izan ezkerrek babesa ukatzeko.
Hillary Clinton ondo lotzen da egokitasun politikoaren diskurtso eta irudiarekin. Astakeriak esaten ez dituen artean, berdin du zer egiten duen, itxuraren gizartean bizi gara. Baina itxura inportantea bada klase ertain eta altuarentzat, langile klasearentzat eta batez ere, pobretzen ari direnentzat ez da hain garrantzitsua izaten. Horregatik, Mendebaldeko ezkerrak agenda ekonomikoa eta langile klasearen interesen defentsa serio hartu ezean, horiek eskuin populistaren esku geratuko dira, beren gainerako neurri atzerakoi guztiekin batera. | news |
argia-0da0bf2103e7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/sindikatuek-arrakastatsutzat-jo-dute-garbitzaileen-grebaren-hasiera.html | Sindikatuek arrakastatsutzat jo dute EHU eta EAEko hezkuntza publikoko garbitzaileen grebaren hasiera | ARGIA | 2016-11-08 00:00:00 | Sindikatuek arrakastatsutzat jo dute EHU eta EAEko hezkuntza publikoko garbitzaileen grebaren hasiera
EHUko eta irakaskuntza publikoko zentroetako garbitzaileak grebara deituta daude astelehenetik ostiralera. Sindikatu deitzaileen esanetan, deialdiak arrakasta handia izan du lehenbiziko egunetan. Hala, CCOOk adierazi du langileen %70ek egin duela greba astelehenean (azaroak 7). Prekarietatea gutxitzea eta soldatak igotzea eskatzen dute, besteak beste.
ELAk bere webgunearen bitartez zabaldu duenez, berriz, grebak ia erabateko jarraipena izan du EHUko Arabako eta Gipuzkoako campusetan, eta %70ekoa Leioakoan. Bigarren Hezkuntzan berriz, %90ek ez du lanik egin Gipuzkoan, %80k Araban eta %70ek Bizkaian. Sare sozialen bidez zabaldutako zenbait irudik erakutsi dutenez, grebaren ondorioak begien bistakoak dira zenbait zentrotan.
ELA, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitu dute greba egitera. 2014an iraungi zen sektoreko lan hitzarmena eta harrezkeroztik berritu gabe dago, negoziazioak orain urte eta erdi hasi ziren arren. Sindikatuen ustez, patronaleko enpresek –Garbialdi, Uni2 eta Villar– blokeatuta dute prozesua.
Soldatak %2,5 igotzea eskatu dute, "2010etik izoztuta baitituzte. Halaber, sektorean kontratu partzial gehiegi dagoela salatu dute; hala dabiltza langileen erdiak baino gehiagok. Hirugarrenik, udako hilabeteetan, ikastetxeak itxita dagoenean, langileak langabeziara bidatzen dituztela adierazi dute, eta horrek haien diru-sarrerak gutxitzea dakarrela. Baldintza horiek bere horretan mantendu nahi ditu patronalak, CCOOk adierazi duenez.
Sindikatuetako iturrien arabera, enpresek soldata igotzeko baldintzatzat ipini dute baja kopurua gutxitzea, "baina hain zuzen eurak ari dira langileen osasuna kaskartzen, lan kopurua handituz"; besteak beste, ordezkapenik ez eginez eta denbora berean lan gehiago aginduz, CCOOren hitzetan. | news |
argia-7563505d9523 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/gorpuak-ur-azalera-nola.html | Gorpuak ur azalera nola | Iratxe Retolaza | 2016-11-20 00:00:00 | Gorpuak ur azalera nola
33 ezkil estreinako nobelan, giro gris eta iluna eraiki du Miren Gorrotxategik. Ferminek gizaki-burezur bat topatzen du, baserriko lurretan ur-depositu bat jartzeko lanetan ari dela. Burezurraren auziak aspaldian izozturiko harreman zenbait biziberritzea ekarriko du: Fermin eta Karmen senar-emazteek Nestor semeari hots egingo diote; eta Nestor, bide batez, Berta neska-lagun ohiarekin jarriko da harremanetan, indusketa-lanetan jardun ohi duelako. Garizmendi baserrira garamatza gertaerak, baina, baita inguruetan kokaturiko beste espazio batzuetara ere: elizara, hilerrira eta Garizmendi-Berrira (hau da, Ferminen anaia bikiaren etxera). Geografia horretan ezkila-hotsek eta hezur-dantzek zeharkaturiko giroa sortu du, eta lur-eremu ezegonkorra irudikatu: familia-sekretuak eta iruzurrak ditu lur azpiko ur, eta mesfidantza-giroa da nagusi. Burezurraren misterioa argitu ahala, isildutako eta lurperatutako iraganak gainez egingo du Garizmendi aldean, gorpuek ur azalera nola.
Neorruralismo beltzaren bidetik jotzen du nobelak, eta 80ko hamarkadan neorruralismora hurbildu ziren nobelak dakartza gogora: besteak beste, Hamaseigarrenean aidanez (1983) nobelako apustu-giroa eta Kcappo (1985) nobelako kutsu beltza. 33 ezkil nobelan, baserri-giroaren gogortasuna islatzeko, apustuaren kultura agertzeaz gain, beste ohitura batzuk ere irudikatu dira: oinordekotza eta maiorazkoa, norgehiagoka, inbidiak eta gorrotoak, baserriko bizimoduaren eta herriko bizimoduaren arteko talka, sinesmenak eta sorginkeriak, eta abar.
Nobela honetan irakurleak ez du bidea ikertzaileen eskutik egiten, nobela beltzean ohikoa denez. Izan ere, bikote parea dabil auzia argitu nahian: maitale ohiak (Nestor eta Berta) eta ertzainak (Kortazar eta Ezpeleta); ez dago ikerketa-lerro bakar bat, beraz, eta narratzaileak gertaerak pertsonaia guztien ikuspegitik kontatzen dizkigu. Horretarako, bi narrazio-lerro eraiki dira: batean, auzia argitzeko prozesua da kontagai; bestean, aldiz, pertsonaien iraganera egiten du jauzi narrazioak. Intrigazko istorioek beti erronka handia dira: informazioaren dosifikatzean asmatu behar da, eta korapiloak modu sinesgarri batean askatu behar dira. Bi narrazio-lerro tartekatzeak, gainera, erronka areagotzen du. Bukaera aldera zenbait korapilo akaso azkarregi askatu dira, baina, oro har, ongi erantzun dio Miren Gorrotxategik erronkari, eta ederki asmatu du gertaeren puzzlea osatzen, jakin-minari eusten. Trebetasuna erakutsi du eszenak eraikitzen eta pertsonaien nortasuna apurka-apurka aletzen, baita misterio-giro hori eraikitzen ere. | news |
argia-534cdb14b740 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/sendo.html | Sendo | Xan Alkhat | 2016-11-20 00:00:00 | Sendo
Sustrai Colina da aurtengo Xilaba bertsulari xapelketako txapeldun eta sendo aritu da urruñarra. Finala burutik buru bere alde jarri zuen: hasieran zortziko handian Amets Arzallusekin aritu ondotik, eta buruz burukoan ere, bere betiko bertso lagunarekin lehiatu arte. Ideietan azkar, errimetan on, bertsokeran sendo.
Amets Arzallus hendaiarra ez zen, beharbada, bere egun onenean baina berak ere hiru aldiz jantzitako txapela desio zukeen. Bosgarren Xilabako txapel hau aldiz, aitzinekoa bezala, Sustrairen kasko gainera joan da. Lehen agurra "Nere buruaz beste egitera / ta gure buruaz besta" puntuarekin bukatu zuen txapeldun izanen zenak eta preseski "amildegiaren aurrean eta jauzi egiteko erabakia hartuta" jarri zuen buruz buruko bakarkako azken lanak. Bere buruaz beste egiten jakin zuen Colinak gai guzietan, bakoitzean pertsonai desberdinen ahotik kantatuz.
Ezin meriturik kendu beste bost bertsolariei ere. Finala hain gozoa, hain beroa izan bada, bertsolari guztiei esker izan da. Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Miren Artetxe eta Xumai Murua gelditu dira txapeldunaren atzetik, hurrenez hurren, baina denek poztekoa dute saio izugarri ona eskaini baitzuten Baionako Laugan bildu zen entzulegoari.
Txapeldun sendoa, Xilaba sendoa, uste dut egindakoarekin, aurtengo txapelketak zerekin poztu baduela. Helburu garrantzitsuenak beteak dira: hamabortz bertsolari trebe agertu dira gure hiru lurraldeetako zazpi herrietan, ehunka bertsozale hurbildu dira saioetara eta euskaraz egin izan da hori.
Ez dugu menturaz aski azpimarratzen baina txapelketa, berez, lehia gisa kritikatzen ahal bada ere, bederen, euskara hutsean egiten den ekitaldia da. Euskara hutsean eta burutik buru. Zazpi larunbatez, Iparraldeko zazpi herrietan bi edo hiru oreneko bertso saioak eskaini izan dira. Ez da beharbada anitz, baina deus baino hobeki da beti.
Geroari begira ere poztekoa da. Bertsoaren geroaz ari naiz noski, gure heinean geldituz beti. Uste dut Xilaba sendotzen ari dela. Sendotzen ari da hainbat herritan eta sendotzen ari da bertsozalearen buruan. Bertso eskoletan ibiltzen diren haurrak ere ikusi izan ditugu kanporaketetan, finalaurrekoetan eta finalean ere franko. Horientzat eredu bilakatzen ari dira bertsolari guziak eta hobe. Iparraldeko bertsolari gazteagoak ere ikusi izan ditugu laguntzaile lanetan eta hobe. Denen beharra badu oraindik Xilabak eta, naski, luzerako.
Ondokoak ederrak eta ederragoak izanen direla sinesten dut. Sinesten dut, sendo. | news |
argia-dc5f27ab3a66 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/ku-klux-klanen-babesa-duenak-ordezkatu-du-aebetako-lehen-presidente-beltza.html | Ku Klux Klanen babesa duenak ordezkatu du AEBetako lehen presidente beltza | Axier Lopez | 2016-11-20 00:00:00 | Ku Klux Klanen babesa duenak ordezkatu du AEBetako lehen presidente beltza
Donald Trump multimilionarioa bilakatu da Amerikako Estatu Batuetako 45. Presidente, askoren ezusterako. Trumpek ez du inoiz ardura publikorik izan, bere hautagaitzak alderdi barruan zatiketa eragin du, aho bilorik gabe mezu xenofobo argiak plazaratu ditu, sexu erasoak egiteagatik dozena bat emakume baino gehiagoren salaketak jaso ditu, nazioarteko eragile, alderdi eta herritar askok bere buruaren parodia gisa ikusi dute... baina bere garaipena argia izan da.
Halere, ondorengo datuak ere azpimarratu behar dira: demokraten hautagai Hillary Clintonek orotara Trumpek baino 222.000 boz gehiago lortu ditu, eta Trumpek ez du irabazi milioi bat biztanle baino gehiago duen hiri bakar batean ere. Mundu osoan errepikatzen den binomioa da: landa eremua eta hiria aurrez aurre.
Mexikoko etorkinei kriminalak eta bortxatzaileak deitzen ekin zion Trumpek hauteskunde kanpainari 2015ean. Hauteskundeak irabazi ostean hartu duen lehen erabakietako bat izan da "aurrekari penalak" dituzten paperik gabeko etorkinak kanporatzea. Mexiko eta AEBen arteko muga "indartuko" du aurrena, eta horren ondoren erabakiko du gainerako paperik gabeko etorkinekin zer egin. Gai honetan Barack Obamaren marka onduko duela dirudi. Izan ere, Bakearen Nobel saridun eta AEBetako lehen presidente beltzak hiru milioi lagun baino gehiago deportatu ditu bi legegintzaldietan. Xenofobia eta klasismoa hauspotzen ari diren Europako alderdiak pozik agertu dira Trumpen etorreraz. Poloniako presidente Andrzej Duda eta Marie Le Pen ultraeskuindar frantsesak izan dira lehenak Trump zoriontzen, eta honek garaipenaren ostean aurrez aurre jaso duen lehen politikari europarra Nigel Farage izan da, Brexitaren bultzatzaile nagusi izan den UKIP xenofoboaren burua.
Halere, Ku Klux Klanen moduko taldeen babes publikoa jaso duen hautagaiaren garaipena ez du arrazakeriak edo sexismoak soilik azaltzen. John Steppling antzerkigileak gordin azaltzen duenez, "liberalen akats nagusia izan da Trumpek faxismoa ekarriko zuela pentsatzea, baina ez dira jabetu faxismoa dagoeneko hemen zela". Azken urteotan –Obamaren politika neoliberalak barne– nabarmen pobretu diren ehunka milaka lagunen ezinegona ondo bideratzen asmatu du Trump magnateak. Status Quo eta egungo sistemaren funtzionamenduarekin nazkatuta dagoen jende saldoaren ezinegona eskuinak bideratu du. Beste behin ere. "Aberatsa pobreen defentsan" kontraesana berriz gailendu da bestelako aukera faltaren aurrean. Trumpi aurre egiteko demokraten kanpaina eta hautagaia ezin okerragoak izan dira. Trumpen "alternatiba" Wall Streetek ondu, babestu eta sustatutako hautagai bat izan da: Hillary Clinton. Eta horri gehitu behar diogu demokraten barruan hautagaitzak sortu duen ezinegona. Primarioetan Bernie Sanders garaile izan zen zenbait estatu garrantzitsuetan, laku handien gerrikoan– Michigan, Wisconsin eta Indianan– adibidez, demokratek bozen %10 baino gehiago galdu dute eta, are esanguratsuagoa dena, partaidetza jaitsi da. Clintonen aldean ezkerreko soslai nabariagoa du Sandersek, eta begi bistakoa dirudi bere alde egin zuten milaka lagun etxean geratu direla hauteskunde gauean.
Donald Trumpen aurkako prostestetako bat New Yorken
Trumpen garaipenaren "ezusteak" protestak sortu ditu AEBetako hiri askotan. Istiluak eta tiroketak ere izan dira zenbait tokitan "Ez da nire presidentea" aldarrikapenaren atzean. Trump ala Clinton, kapitalismoaren bi aurpegiren artean erabaki beharrak berriz utzi du ezkerra jokoz kanpo. Mendebaldeko ezkerreko alderdi gehienek "Gerraren Erreginaren" alde egin dute, "aukera ez hain txarra" omen zenaren alde. Eta AEBetan bertan ere aldeak ageri dira ezkertiarren artean. Honatx bi adibide. Batetik, Angela Davis: "Jende beltzaren lehentasuna Trump geldiaraztea da. Ez naiz Clintoni ez diodala boza emango esateko bezain nartzisista". Eta bestetik, Mumia Abu-Jamal: "Trump baldin bada clintondarren neoliberalismoa garaitzeko ordaindu behar dugun prezioa, hala bedi". Bipartidismoaren joko arauek ezkerra jokoz kanpo utzi dute atzera ere, eta datozen lau urteetan gatazka eta talkarik ez da faltan izango AEBetan. | news |
argia-801266f9ec49 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/charles-dickens-bizirik-balego-telesail-gidoilari-izango-litzateke.html | Charles Dickens bizirik balego, telesail gidoilari izango litzateke | Gaizka Izagirre | 2016-11-20 00:00:00 | Charles Dickens bizirik balego, telesail gidoilari izango litzateke
Zergatik esaten da azken urteotan, telesailak asko hurbiltzen ari direla, bai forma bai eduki aldetik, aitzina literaturak betetzen zuen eremura?
Pantaila txikiak literaturaren iturburu beretik edaten duela argi dago, baina ez eleberri konkretu batean oinarritzen direlako soilik. Istorioa bera eta hauek hornitzen dituzten pertsonaiak eraikitzerako orduan azalarazten diren antzekotasunak, oso nabarmenak direlako baizik. Fikzio guzti hauen gidoiak literarioak izaten dira eta aipaturiko pertsonaiek sakontasun berbera izaten dute.
Pentsa hainbat astetan zehar irakurtzen jardun dugun liburu horren protagonistak, gugan izan dezakeen eragina ala zortzi denboralditan zehar ezagutu dugun horrekin "bidaiatzeak" zer-nolako enpatia maila sortzen duen gugan. Eta ez hori bakarrik, "kontsumitzen" ditugun moduan ere antzekotasun handiak loratzen dira. Dosi txikietan ikusi/irakurri ditzakegulako; autobusean, tren geltokian, ohean… liburuaren pasarte bat ala telesailaren atal konkretu bat ikus dezakegu, ordu batzuk geroago utzi dugun puntutik inongo arazorik gabe jarraituz.
Telesailen baliabideak
Baina telesailek erabili ohi dituzten errekurtso literario horiek zeintzuk diren ezagutzeko, onena da adibide konkretuak aipatzea. Fikziozko literaturan betidanik dauden elementu narratiboak baliatzen baititu telesailak. Istorioak kontatzeko makina perfektua bilakatu direla esan daiteke. Literatura zatikatuaren ezaugarri asko ditu, adibidez, estruktura narratiboak, eta baita ikuslearen arreta mantentzeko hainbat errekurtso ere erabiltzen ditu. Arthur Conan Doyle ala Charles Dickensek erabiltzen zituztenen oso antzekoak. Metaforak, elipsiak ala gaur egun hain modan dagoen Cliffhangeraren erabilera (atal konkretu baten azken eszenan ikusi edo sentitu daiteke normalean, baita film edo liburu baten azken uneetan ere. Gugan sortzen duen sentimendua, zirrara, egonezina, suspensea eta, batez ere, hurrengo atala ikusteko irrikan egotea da).
Fikziozko literaturan betidanik dauden elementu narratiboak baliatzen ditu telesailak. Istorioak kontatzeko makina perfektua bilakatu direla esan daiteke
Errekurtsoak aipatzen hasita, autore jakin batzuen eragina erakustea ere interesgarria iruditzen zait. Lotura hau argiago ikusteko, bi bereizketa egingo nituzke. Alde batetik, generoak. Zientzia fikziozko edozein telesail ulertzeko adibidez ala distopia tartean duen edozein kontakizun, Ray Bradburyren eragina saihestezina baita. George Orwell, azken aldian hain modan dagoen Black Mirror ulertzeko adibidez, edo nola ez Shakespeare. Drama klasikoetan ageri diren obsesio horiek guztiak: familia, ohorea, boterea, odola, traizioa, tentazioa, errua… The Sopranos, Breaking Bad, Sons Of Anarchy, Gomorra... bezalako telesailetan txertatu baitzituzten. Bereiziko nukeen beste alderdia, kokalekua da. Telesaila non kokatua den, egile konkretu baten eragina antzeman daiteke. AEBetan kokatzen den istorio batean, Stephen King-en kutsua antzeman dezakegu askotan –aurten sekulako zalaparta sortu duen Stranger Things adibidez–. Baita Edgar Allan Poe edo Mark Twainena… Edo herrialde nordikoetatik datozkigun Forbrydelsen, Bron/Broen edo nordic noir generoaz gozatzeko aukera, Henning Mankell, Stieg Larsson eta Jo Nesbo bezalako idazleei zor diegula esan daiteke. Ingalaterran, berriz, aipaturiko Doyle eta Dickens, Jane Austen, Agatha Christie eta abar.
Game of thrones ospetsua
Dena den, argi izan behar dugu, liburua eta telesaila istorio berbera bizitzeko bi bide direla. Alegia, bakoitzak aukeratzen duela zein bide jarraitu, eta "liburua hobea da" esaldiak ez duela zertan beti egia izan behar. Eleberriak, ekoizpen guzti hauen oinarri eta inspirazio iturri izatea ongi dago, baina batzuetan zama hori askatzea komeni dela uste dut. Azken asteetan Euskal Herriko sare sozialak hankaz gora jarri dituen Game of thronesen kasuarekin argitzen saiatuko naiz argudio hau. Telesaila, George R. Martinen liburuetan oinarritua dago baina azken denboraldia izan da lehena, eleberriko kontakizun nagusitik aldendu dena (aurreratu egin baitu). Aztertu beharreko alderdia dela diot, telesaila nabarmen hobetu delako. Pertsonaiak, erritmoa eta trama orokorra askoz hobeto uztartzen dira, eta kontzeptu zinematografikoa askoz aberatsagoa iruditu zait. Errekurtso literarioak erabiltzea ongi dago, baita liburua gida hartzea, baina betiere kontuan izanik, istorioak kontatzeko beste bide bat dela. Orri zuri horietako hizki beltzek, telesailari zigorradak ematen saiatzen diren arren, irudia eta batez ere, zinema bera baita gailendu behar dena. | news |
argia-21a389afa40e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/gorputz-ez-arautuak.html | Amaia Elortegi: "Ni sobera ez babestea funtsezkoa izan da" | Ainhoa Mariezkurrena Etxabe | 2016-11-20 00:00:00 | Amaia Elortegi: "Ni sobera ez babestea funtsezkoa izan da"
Gorputza nolakoa den ikasi dugu eskolatik, eta eredu orokor horrekin identifikatzen edo ez identifikatzen. Gutxi dakigu, ordea, gorputz ez arautuen inguruan. Amaia Elortegik, izate hutsarekin, begirada zabaldu die ingurukoei, bere gorputza ikasgai izanik. Hala kontatu digu.
Amaia Elortegi, Pasai San Pedrokoa (Gipuzkoa). Euskal Filologian lizentziatua. Sukaldean aritzea, marraztea, kirola egitea, musika, dantza eta ibiltzea gustuko ditu. Urte eta erdi zuenean bakteria batek septizemia eragin zion, odoleko infekzioa. Odol "gaizto" horrek gorputzeko lau adarrei eragin zien, hanka eta besoei. Burua ere adar bat denez, hari ere eragingo ziola uste zuten.
Infekzioak baldintzaturik pasa zuen haurtzaroa: "Hurbilekoek uste zuten bizirik ateratzekotan, egoera begetal batean geratzeko izango zela; ez zuten nigatik deus ematen". Hilabete eta erdiz egon zen koman, baina bizirik irten zen. Buruan ez zuen jasan kalterik, gainera.
"Informazioa bildu eta gaixotasuna tratatzeko leku baten bila hasi zen familia. Amaren lagun bati esker Alemaniako erizain bat ezagutu genuen eta bertako zentro espezializatu baten berri eman zigun. Paper asko bete ondoren amarekin batera joan nintzen hara. Hamaika ebakuntza inguru egin dizkidate Alemanian. Horiei esker egun gauza asko egiten ditut. Nerbio asko utzi zizkidaten onik eskuetan, eta mugimendua daukat".
Hanketako protesiekin ere oinez ibil daiteke Elortegi. Azkenaldian "nahi baino gutxiago" ibili dela dio, aditzera emanez alferkeriagatik izan dela gehiago. Hala ere, batzuetan zauriak izaten dituela kontatu digu eta ondorioz murriztu egiten dela bere independentzia.
Elortegik txikitatik ezagutu du bere gorputza horrela eta erabiltzen ikasi du. "Gauza desberdinak egiteko eskuko puntu desberdinak erabiltzen ditut eta mugimendu desberdinak egin. Bazkaltzeko lagungarriak jartzen ditut, baina idazteko, adibidez, inoiz ez dut jarri nahi izan eta nire eskuekin idazten ikasi dut. Sorbalda, kokotsa, ahoa eta hainbat euskarrirekin batera egiten ditut ekintzak".
Baina dena ez dago bere esku. Espazio publikoan ezin du nahi bezala mugitu: "Ulertzen dut ezaugarri asko hartu beharko liratekeela kontuan, behar desberdinak baitaude. Gurpildun aulkian dagoenak autobusa har dezake, baina trena ez. Ni autobusera igo naiteke, baina zailtasunekin; eskaileraren beheko mailatik lurrera tarte handia dago batzuetan eta nik ez dut orekarik. Zutik gaudela kontuan hartuta, kartera irekitzeko zailtasunak ditut euskarririk ez dudalako lagungarri, eta jendea eta txoferra nire zain egoten dira... Txartelarekin hobeto moldatzen naiz".
Baliabide fisikoez gain, jendarteak aniztasunean bizitzeko dituen zailtasun eta estereotipoez aritu gara hizketan. Horretaz kontziente, zera galdetzen dio askotan bere buruari: "Ni zergatik ez ninduten desberdin tratatzen?". Airean geratu da galdera.
Elortegiren hitzetan, bizi duena tabua da neurri handi batean, eta horrek zaildu egiten du harremanak naturaltasunez garatzea, konfiantza hartu bitartean bederen, hasiera batean beste aldera begiratzen delako: "Haurrak askotan nire eskuei begira geratzen dira eta hurbiltzeko zain geratzen naiz", dio barrez. "Horretaz hitz egiten amaitzen dugu. Errespetuz bada, finean, naturalena da eta niretzat ez da batere arrotza".
Familia, lagunak eta irakasleak beti izan ditu ondoan. Gakoa "gehiegizko" babesa ez ematea izan dela azpimarratu du: "Irakasleak eta gurasoak beti egon dira kontaktuan eta ea zer moduz nengoen galdetzen zidaten, baina uneoro gainean egon gabe. Ez zuten nire lana egiten edo ezintasuna aipatzen. Hortaz, ez naiz inoiz desberdin sentitu". | news |
argia-0912e28ce5e3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/iritzia.html | Pentsiodunen kopuruak hazten jarraitzen du | Baleren Bakaikoa Azurmendi | 2016-11-20 00:00:00 | Pentsiodunen kopuruak hazten jarraitzen du
Jadanik ohituta gaude noizbehinka pentsioen gaia ezbaian jartzen. Orain, pentsioen Erreserba Funtsa nahiko oparoa izatetik, 70.000 milioi euro, ezerezean geratzear dago eta hortik kezkak azaltzea.
Espainiako Gobernuak epe motzeko kontuak biribiltzen zituen, ez ordea epe ertain eta luzekoak. Pentsiodunen kopuruak hazten jarraitu du eta bien bitartean sarrerak, landunek Gizarte Segurantzari ordaindutako kopuruak ez die jarraitzen gastuei. Hortik etengabe Erreserba Funtsari heldu beharra.
Gaur egunera arte gastuak murriztu dira: jubilatu bakoitzak eskuratu behar duen kopurua kalkulatzeko urte gehiago erabili, jubilazio adina luzatu 67 urtera arte; orain 65 urte eta lau hilabetean dago, eta 69 urtera iritsi nahi omen dute. Honela, bizi itxaropena laburtu egingo da eta pentsio kopurua apaldu.
Hemendik aurrera Gizarte Segurantzaren sarrerek izango dute arreta, orain arte gastuek izan duten bezala. Baina zeri heldu? Helduleku bat Estatuko aurrekontuak lirateke; Gizarte Segurantzaren defizita aurrekontuekin estali, estatu askotan egiten den moduan. Horrek estatuaren defizit publikoa areagotuko luke eta EBk kontuak eskatuko ditu. Beraz, konponbide zaila.
Bigarren konponbidea zerga berri berezi bat sortzea izango litzateke. Horretarako egitate zergagarri ugari egon badaude, baina errazena BEZ berri bat sortzea litzateke, luxuzko ondasun (auto, belaontzi, eta abar) eta zerbitzuen (hegazkin, bidaiak, lau izarreko hotel eta abar) gain. Baita finantza trantsizioen gainekoa edo finantza gordailuen gainekoa ere, nahiz finantzariek gogoko ez izan. Halaber, hor dauzkagu Zerga Bereziak. Zergatik ez zerga horiek handitu Europako mailan ipiniz?
Beste diru iturri gehigarri bat Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) tasa 1-2 puntu igota erdietsitako etekina litzateke. Gainera, PFEZari etxebizitzen kenkariak arindu liezazkiokete, azken batean beraien prezioak handitzeko direlako. Horrek guztiak iruzur arriskua handituko luke eta egokia litzateke ikuskariek serioski hartzea, batik bat, goi-mailako sarreren jarraipena: exekutibo handiak, eliteko kirolariak, hots, Panama eta antzeko paradisu fiskaletan dirua gordetzen duten pertsona orok. Horrez gain, kapitalaren etekinen gaineko zergak handitzea ere ondo legoke. Horrela, presio fiskala Europa Batasuneko (EB) estandarretara hurbilduko ginateke eta zati bat bederen Gizarte Segurantzaren defizita estaltzeko erabili.
Espainiako Gobernuak epe motzeko kontuak biribiltzen zituen, ez ordea epe ertain eta luzekoak. Pentsiodunen kopuruak hazten jarraitu du eta bien bitartean sarrerak, landunek Gizarte Segurantzari ordaindutako kopuruak ez die jarraitzen gastuei. Hortik etengabe Erreserba Funtsari heldu beharra
Gizarte Segurantzak ematen dizkie enpresariei zenbait hobari lanpostuak sortzeagatik, kasu askotan iruzurrak direnak. Horregatik, hobari horiek bertan behera uztea ere komenigarria litzateke.
Ez dugu ahaztu behar gure pentsio sistema belaunaldien arteko elkartasunean oinarritzen dela. Alabaina, belaunaldi berekoen artean solidaritatea ere gauzatu beharko litzateke. Izan ere, soldata garaienek Gizarte Segurantzari ekarpen handiagoak egin beharko lizkiokete. Gaur ordaintzeko oinarri nagusia 3.642 euro/hileko da, berdin langile batek 4.000 euro/hileko eskuratzen badu edo 50.000, 100.000 edo gehiago. Horregatik, norbanako horien ekarpenek oinarri aurrerakorragoak izan beharko lituzkete, baina horrek guztiak borondate politikoa eskatzen du eta ziur asko gobernu honek ez du jo nahi bide horretatik.
Azkenik, noizko Euskal Gizarte Segurantza? Estatutuaren arabera bere kudeaketak euskal erakundeen esku egon behar luke, nahiz ez dirudien gure agintariek epe motzeko xede dutenik. Baina Espainiarekiko deskonexioa burutu nahi badugu, urratsak ematea derrigorrezkoa dugu. Ez pentsio osagarria bideratzeko, baizik geure sistema propioa eratu ahal izateko. | news |
argia-0780c6aa6912 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/hedabide-handiek-zentsuratu-zituzten-eta-bere-garaipena-azaltzen-duten-trumpen-zazpi-proposamen.html | Hedabide handiek zentsuratu zituzten eta bere garaipena azaltzen duten Trumpen zazpi proposamen | Ignacio Ramonet | 2016-11-20 00:00:00 | Hedabide handiek zentsuratu zituzten eta bere garaipena azaltzen duten Trumpen zazpi proposamen
Ignacio Ramonetek artikulu mamitsua argitaratu du Donald Trumpek hauteskundeak irabazi berritan. Bertan azaltzen du hedabide nagusiek Trumpen hainbat adierazpen lau haizetara zabaldu dituztela, baina beste hainbat isilean pasarazi dituztela, AEBetatik kanpoko herritarrei ez jakinaraziz.
1- Kazetariek ez diote barkatzen, hasteko, botere mediatikoari eraso egin izana aurrez aurre. Mitinetan jendea hedabide "desonestoei" txistu egitera etengabe animatzea aurpegiratzen diote. Trumpek esan ohi zuen: "Ez naiz Hillaryren aurka lehiatzen ari, hedabide ustelen aurka ari naiz lehiatzen". Orain gutxi idatzitako txio batean adibidez, hauxe zioen: "Hedabide ustel eta nazkagarriek modu zintzoan jasoko balute niri buruzko informazioa eta ez baliete nire hitzei esanahi faltsurik txertatuko, Hillaryri %20ko aldea aterako niokeen".
Beren jarraipen mediatikoa injustua edo partziala iruditzeagatik hautagai errepublikarrak ez zuen dudarik egin eta hainbat hedabide garrantzitsuri prentsa kredentzialak kendu zizkien: The Washington Post, Politico, The Huffington Post eta BuzzFeed. Fox Newsi eraso egiten ere ausartu zen, eskuin panfletarioaren telebista kate nagusiari, nahiz eta honek erabat babestu.
2- Trumpek globalizazio ekonomikoa salatzen du, uste baitu honek amaitu duela klase ertainarekin. Bere hitzetan, ekonomia globalizatua geroz eta jende gehiagori ari zaio huts egiten. Gogoratu du azken hamabost urteetan, 60.000 fabrikatik gora itxi direla AEBetan eta ongi ordaindutako ia 5 milioi industria-lanpostu desagertu direla.
3- Protekzionista sutsua da. Inportatutako produktu guztiei tasak igotzea proposatzen du. "Herrialdearen kontrola berreskuratuko dugu, berriz ere AEB herrialde handi bat izatea lortuko dugu".
Brexit-aren aldeko pertsona honek argitu izan du, behin presidente hautatuta, AEBak NAFTA hitzarmenetik aterako dituela (Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Hitzarmena). TTPen aurka ere egin izan du. "TTPa kolpe hilgarria litzateke AEBetako eskulangileen industriarako". Ipar ekialdeko Rust belt edo gerriko oxidatuan mezu hau indartsu sartzen ari da, non deslokalizazioek eta eskulangileen fabriken itxierek langabezia maila handiak utzi zituzten.
4- Gizarte segurantzan murrizketa neoliberalen aurkako jarrera ere erakutsi izan du. 2008ko krisi ekonomikoaren biktima diren hautesle errepublikar askok edo 65 urtetik gorako herritarrek behar dute Barack Obama presidenteak garatutako eta beste lider errepublikarrek kendu nahi duten Social Segurity (jubilazioa) eta Medicare (osasun segurua). Trumpek hitz eman du hori ez duela ukituko, medikamentuen prezioak jaisten saiatuko dela, etxerik gabekoen arazoak konpontzen saiatuko dela, zergadun txikien fiskalitatea erreformatzea eta 73 milioi etxe xeheri eragiten dion zerga federala kenduko duela.
5- Wall Streeten harrokeriaren aurka, Trumpek proposatu du dirutzak irabazten dituzten hedge funds korredoreei zergak nabarmen igotzea. 1933ko Depresioan onartutako Glass-Steagall Legea berrezartzea defendatzen du. Lege honek banka tradizionala eta inbertsioak egiten dituen banka bereiztea dakar, lehenak arrisku handiko inbertsioak egitea ekiditeko. Finantza sektore osoa, noski, neurri hau berrezartzearen aurka dago erabat.
6- Nazioarteko politikan, Trumpek aliantza egin nahi du Errusiarekin Estatu Islamikoa eraginkortasunez borrokatzeko. Horretarako Washingtonek aitortu behar badu ere Errusiak Krimea anexionatu izana.
7- Trumpek uste du, zor erraldoiarekin, AEBek ez dutela nahikoa baliabiderik nazioarteko politika indiskriminatua egiten jarraitzeko. Dagoeneko ezin dute bakea inposatu edozein preziotan. Bere alderdiko hainbat kazikek ez bezala, Guda Hotzaren amaieraren ondorio logiko gisa, NATO aldatu nahi du: "NATOko herrialdeek ez dute babes automatikoaren bermerik sekula gehiago izango".
Proposamen hauek guztiek ez dituzte arintzen hedabide handi dominatzaileek lau haizetara zabaldu dituzten adierazpen ez-onargarri, gorrotagarri eta batzuetan higuingarriak. Baina bere arrakastaren arrazoiak hobeto azaltzen laguntzen dute. | news |
argia-5870f1f25576 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/masa-turismoari-aurre-egiteko-ideiak-bartzelonatik.html | Masa turismoari aurre egiteko ideiak Bartzelonatik | Lander Arretxea | 2016-11-20 00:00:00 | Masa turismoari aurre egiteko ideiak Bartzelonatik
Kataluniako hiriburuan ere ez dute errezeta borobilik. Baina, gutxienez, guk baino denbora gehiago izan dute galderak egin eta erantzuten ahalegintzeko.
"Desazkunde turistikoa: masa turismoari alternatibak ekonomia sozial eraldatzailetik". Hala du izenburua arreta eman digun mahai-inguruak. Metroan ordu erdiko bidaia eginda heldu gara Bartzelonako Sant Andreu auzoko Fabra i Coats fabrika ohira. Asteburu osorako dozenaka ekimen antolatu dituzte bertan, Fira de la Economia Solidaria delakoaren baitan. Igande goiza bada ere, jende mordoxka dabil hara eta hona, azokako postuei beha. Denboraz larri gabiltza, eta zuzenean hartu dugu guk prestatu duten aretorako bidea, postuei begira hasteko tarterik gabe.
Lau euskaldun elkartu gara beste berrogei bat lagunen artera. Bi donostiar eta bi zumaiar. Ez da kasualitatea. Lehenago ere ezagutzen dugu elkar eta badakigu kezka bertsuek ekarri gaituztela hona: Donostian 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren aitzakian biderkatu den turista uholdeak izututa etorri gara batzuk; besteak Game of Thrones telesail arrakastatsuaren grabaketek Zumaian izango duten eraginak beldurtuta. "Bartzelonan urteak dira antzeko arazoei aurre egin behar dietela. Izango dute gure gaitzentzako konponbiderik?", galdetu diogu elkarri.
Laster zapuztu zaigu masa-turismoa frenatzeko errezeta borobilarekin etxeratzeko itxaropena. Nahikoa izan da antolatzaileetako baten lehen hitzak entzutea: "Mahai honetan gaudenok, parean eserita zaudetenok beste zalantza ditugu". Talde txikitan banatuko gaituzte, eta guri ere iritzia ematea tokatuko zaigu. Ez genuen halakorik espero.
Erantzunak integrala izan behar du
Aurretik ordea, sarrera labur bana egin digu (ustezko) hizlari bakoitzak. Hasieran auzo gutxi batzuetan gertatzen zena apurka ingurukoetara zabaltzen ari dela gogorarazi du Daniel Pardo Bartzelonako auzoen asanbladako kideak; Universitat Autonoma de Barcelonako Filka Sekulova irakasleak turismoaren baretzea desazkunde orokorrago baten eskutik soilik etor daitekeela; eta jasangarritasunarena sistemak oso erraz barneratzen duen kontzeptua dela salatu du udaletik ekonomia sozial eraldatzailea sustatzeko ahaleginean diharduen Jordi Viak. "Eredu sozial eta ekonomikoa eraldatzeko bokazioarekin ez bada, turismo arduratsua proposatzeak ez du ezertarako balio".
Katalunia barnealdeko herrietan turismo "arduratsua" eskaintzen duen Fent Pais kooperatibako Nil Camprubi izan da sarrera egiten azkena. Txanponaren beste aldea erakutsi digu; saioak piztuko dizkigun kontraesanak asko izango direla iragarriz bezala. "Gaiari herrialde ikuspegitik begiratu behar zaio, eta turistak hirietatik atera. Bartzelonarentzat arazoa dena, gero eta prekarioagoa den landa-inguruarentzat konponbidea izan daiteke".
Airbnb: ardiz jantzitako otsoa
Taldetan banatu gara segidan. Halakoetan ohikoa den zalantzen ondoren seikote batean sartu gara bi donostiarrak. Katalanez egiten ez dakigula, baina ez dugula ulertzeko arazorik, hori izan da gure lehenengo azalpena. Baina hau bai, kasualitatea izan da, kataluniar bakarra dago taldean, eta hark ere nahiago omen du gaztelaniaz egin. "Nola irudikatzen duzu Bartzelona askoz ere turista gutxiagorekin?". Horixe seion artean erantzun behar dugun galdera.
Hitz-aspertuak, hala ere, beste bide bat hartu du. Hogeita bost urtez turismoaren sektorean lan egin duela kontatu digu bartzelonarrak, eta diagnostiko konpartitu baten bila hasi gatzaizkio galdezka. Berehala, etxebizitza partikularrak aldizka alokatzeko erabiltzen den Airbnb hartu du hizpide. "Hasiera batean ekonomia kolaboratiboaren eredu txalogarria zen; alternatiba, askoren ahotan. Orain aldiz, agentziek eta etxe bloke osoak dituzten pertsonek dirutza biltzeko erabiltzen duten tresna bihurtu da". Gaur gaurkoz, Airbnb-k ohe gehiago ditu Bartzelonan bertako hotel guztiek baino. Etxebizitzen prezioan eta turisten uholdean kate handiek besteko eragina duela gehitu du Jaengoa den neskak, eta arriskutsua dela, herri mugimenduetatik hotelei bakarrik begiratzen diegulako. Ez dio inork kontra egin.
Inbertsioak nola uxatu
Egokitu zaigun galderari taxuzko erantzunik eman gabe harrapatu gaitu antolatzailearen abisuak. "Amaitu da txanda". Interesgarria egin zaigu ordea beste taldeetan hausnartu dutena entzutea: Ekonomia sozial eraldatzailetik bestelako lan eredu eta sektoreak indartu behar direla, ahoz ahoko kontzientziazioa oraindik ere ezinbestekoa dela, hotel gehiago eraikitzea debekatu beharko litzatekeela... Eta ideia gehiago ere bai.
Orduan hasi da iritzi dantza soltea. Turismoaren arazoa kuantitatiboa edo kualitatiboa den galdetu du gazte batek, eta azkar erantzun dio auzoen asanbladako kide Daniel Pardok: "Gaur gaurkoz jende eta inbertitzaile gutxiago etor dadin lortzea da gure helburu nagusia". Nola egiten da hori ordea? Denok buruan genuen galdera erantzun du mahai-inguruari sarrera eman dion hizlariak berak: "Modu bakarra dago: erakundeetatik eta herri mugimenduetatik eraginda lortu behar dugu turismora bideratutako inbertsioak ez errentagarriak izatea".
Haserre tonu nabarmenarekin hartu du hitza emakume heldu batek. "Hemen berriketan gauden bitartean auzoak etengabe eta modu basatian ari dira eraldatzen. Badugu benetan irabazteko aukerarik? Agian bai, baina hitz politak utzi eta neurriak hartu behar ditugu orain, neurri ausartagoak". Erakundeetatik orain egiten dena baino gehiago egin daitekeela gehitu du, eta hezkuntzan ere sustatu behar dela jarrera kritikoa, kutsadura edo birziklapenaren gaiarekin egin izan den bezala.
Erakargarritasunaren paradoxa
Irribarre okerra piztu digu zutik jarrita hitz egin duen hurrengoak: "Paradoxa zera da, hemen egiten ari garen mahai-inguru honek berak ere, interes turistikoa pizten duela". Eszeptikoaren paperean jarraitu du gero: "Ez ote gaude oso bakarrik honetan? Baditugu erreferenteak? Hiri gehienetan hemen garaitu nahi dugun hori desio dute".
Iritsi bezainbeste zalantzarekin eta burumakur joango ginela pentsatzen hasi gara, baina orduantxe iritsi da, saioa borobiltzeko, Jordi Viaren txanda. "Ez gara autoengainuan eroriko. Parean dugun munstroaren tamaina zein den onartu behar dugu, mila kontraesan ditugula… Baina duela hogeita bost urte martziano hutsak ginen ekonomia sozial eraldatzaileaz hitz egiten genuenak, eta begira zenbat gauden gaur hemen, azoka honetan". Badago egin daitekeen bide bat, baditugu zentzudunak diruditen pista batzuk, baina espero dezagun ez dugula guk ere beste hogeita bost urte itxaron beharko. Lehen baino lasaiago, isilean hobeto pentsatzen delako-edo, ideia horri bueltaka egin dugu metrorako bidea. | news |
argia-bf602e168c4d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/artista-jendearentzat-berri-onak-argian.html | Artista jendearentzat berri onak ARGIAn | unknown | 2016-11-20 00:00:00 | Artista jendearentzat berri onak ARGIAn
Berriak ditugu ale honetan. Konturatu zara, irakurle? ARGIAn ez gaude deskantsurik hartzeko; sail berri bat estreinatuko dugu hurrengo asteko orrialdeetan. Xabier Gantzarain ezagun egiten zaizu? Bera da artikulu sortaren egilea, eta kulturako atalean ikusi ahal izango duzu hemendik aurrera bi astez behin. Oso azaletik kontatuta, bere artikulu bakoitza Euskal Herriko artista baten artelanean oinarrituko da. Hori da Gantzaraini berari deitu aurretik nekiena, eta bete-lan pixka batekin artikulu hau egiteko ziurrenik nahikoa izango nuen informazioa, baina nahiago izan dut berak azalpen txiki batzuk emanda nik zuei ere zerbait gehixeago kontatzea.
Artelana izango da aktore nagusia, eta hori oinarri hartuta landuko ditu artista bera, lanak pizten dituen sentimenduak eta abar. Papereko bertsioan irudia izango da protagonista, erakutsi nahi baita artelanaren beraren edertasuna; eta sarean irakurri ahal izango dugu testu luzeagoa. Pintura eta eskultura izango dira Gantzarainen jo-puntu garrantzitsuenak, eta Euskal Herriko artisten lanak ARGIAn erakustea du helburu. Ez da, ordea, kronologia aldetik behintzat artearen historia klase bat izango: aurkituko ditugu XX. mende hasierako artistak bezala gaur egungoak, baina egilearen iritzira denboran aurrera eta atzera ibilita. Arteak "eskemak mugitzeko" balio duela esan digu Gantzarainek, eta berari interesgarri zaizkion obrak aztertuko dituela, edo ezezagun samarra den artista baten lana, edo oso ezaguna den artista baten obra ezezaguna. Dagoeneko hilda dauden pintore edo eskultoreen lanak arte katalogoetatik aztertzeko asmoa du, baina gaur egungoak direnen kasuan beraiekin elkartuta egingo du analisia eta papererako irudiaren aukeraketa.
Landuko dituen artelanen eta artisten izenak galdetuta izkin egin dit egileak, irakurle, eta hurrengo aleko Bixente Ameztoirekin geratu beharko duzu, ostean etorriko denaren zain. Ni ere halaxe egongo naiz. | news |
argia-7e1c09366972 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/ahtren-etorkizunaz.html | AHTren etorkizunaz | I�aki Barcena | 2016-11-20 00:00:00 | AHTren etorkizunaz
Hamar urte bete berri dira, Lukun (Araba) Euskal Y -ren lehengo harria jarri zutela. Galdera ikur handia dabil oraindik proiektu txikitzaile horren gainean. Zenbat urte gehiago? Noiz eta nola jarriko ote diote azkena? Inaugurazioa oso modu diskretuan egin zen, komunikabideen presentzia urriarekin, arraro xamar Euskal Herriko historian diru gehien xahutzen duen azpiegitura (6.000 milioi euro, gaurko kontuen arabera) martxan jartzeko. Egia esan, obrak hasi aurretik beste hamar urte pasa ziren, kontrako mobilizazio eta interpelazio asko tarteko, 2006ko apirilean aurrekontuaren ituna sinatu zen arte.
Joan den urriaren 18an EAJk Madrilgo Kongresuan aurkeztutako legez besteko proposamenak Euskal Y-ren egin gabeko obrak planifikatu eta ekonomikoki ziurtatzeko, PP eta EH Bildu zein Podemos-en ezezko botoak jaso zituen. Galdera ikurra handitzen ari da. Denborak eta sosak ez daude finkaturik. Errekurtso ekonomikoak urriagoak dira krisi egoera batean eta ez du ematen epe ertainean Europa edo Madriletik dirua lortzeko erraztasun gehiago etorriko denik. EAJk 1.078 milioi euro aurreratu zituen 2014ra arte, gero kupotik deskontatu behar zirenak, baina galdera da: zenbat diru gehiago aurreratu ahalko du? Zenbat bider esan digute obra hau Madrilek eta Bruselak ordainduko dutela? Orain arte ez da horrela izan, eta aurrerantzean ematen du gero eta zailago izango dela. PPren Espaniako Gobernu berriak ez du ematen Euskal Herrian interes handirik duenik, bertoko ministro bat ere ez baitu izendatu.
Abiadura handiko proiektuak eta teknologiak hainbat diskurtso hegemoniko eratzeko erabiliak izan direla dio Diego Garcia Mejutok, Londresen AHTri buruzko tesi doktorala irakurri duen lagun katalanak. Towards a "Europe of Flows": Discourse, Power and Space in the Development of High-Speed Rail Line in the European Union izenekoa. Argi dago, hasieratik Madrilgo gobernuentzat (PSOE zein PPrenak) AHTren proiektuak beste geografia eta beste garraio politiken kontzeptualizazioan – Todos a Madrid en TAV lema aldarrikatuz– eginda dagoela, EAJren Euskal Y -arekin konparatuz, horrek "Ardatz Atlantikoa indartzea" erabiltzen baitu. Hor dago luzapenaren koska!
Gasteizko eta Madrilgo interesak gero eta desberdinagoak ari dira suertatzen. Eta Madrilek zartagina kirtenetik du helduta. Inork ez daki zertan, noiz eta nola bukatuko den auzi hau baina AHTren aurkako mugimendu indartsuago batek, duela hamar urte zegoenaren modukoak, lagun lezake AHTren etorkizuna definitzen. Urgentzia ekologikoa eta premia sozial larrien garaian gaude eta diru publiko gehiago obra honetan galtzea arduragabekeria itzela da. Munduko bidegorririk garestiena ari dira eraikitzen, Bergarako Hilarioren berbetan. | news |
argia-11316477fc6e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/salbuespena.html | Salbuespena | Miren Artetxe Sarasola | 2016-11-20 00:00:00 | Salbuespena
1894ko udazkenean Aña Etxegarai Debrua-k irabazi zuen Hazparneko Euskal Bestetako bertso-sariketa. L' Avenir egunkariko kronista jaunak, ezusteko harrigarri hura azpimarratzen du: "Lehen sexu indartsuari soilik zegokion –bertsolaritzaren– generoa, baina, orain gain hartu dio sexu ahulak".
Emakumeak irabazi izana sorpresa, beraz, berriz. Ez baitzen lehen aldia hura. Mariana Hargainek irabazi zuen Kanboko sariketa 1888an. 1869an, Maria Luixa Erdozio izan zen garaile Saran –baita handik sei urtera ere–. D'Abbadie jaunak ezkontza eskaera jarri omen zien gaitzat azken horri eta Jatsuko zapatariari. Le Courrier de Bayonne-n aipatzen du Julien Vinson jaunak plaza irriz leherrarazi zutela. Gehitzen du, alta, ez zela ohikoa emazte bertsolariak kantuan aritzea. Sariketa berean, bi urte berantago, bostetik hiru bertsolari emazteak ziren.
Bertsoa bertso denetik ari izan dira emazteak bertsotan. Eta beti egon dira botere-mekanismoak plazara agertu ez edo plazatik desagertu zitezen. Daitezen. Azpimarragarria ezbaita soilik mekanismo horiei aurre egin zieten emakumeak egon izana beti. Azpimarragarria, berez, emakume horiek ikusezin ala salbuespen bihurtu izana bera baita. | news |
argia-5ed382a42108 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/patxi-huarte-larraburu-zaldieroa.html | "Jakobita nintzen Jakobitak ezagutu aurretik" | Garazi Zabaleta | 2016-11-20 00:00:00 | "Jakobita nintzen Jakobitak ezagutu aurretik"
Baratzegintzaz dakizun guztia zortzi orrialdetan sartu duzu Altza Porru n. Asko-asko ere ez zenekien orduan, ezta?
Bada, ez. Gutxi dakit eta gainera dakidan apurra segituan ahazten dut. Gogoratzen naiz amari galdetu niola baratxuriak nola erein behar ziren eta berak erantzun. Handik bi egunetara baratzetik deitu nion, baratxuriak eskuan, ea pikua behera zen edo aldrebes. Desastre!
Zerk elkartzen ditu Faltzes, Aranzadi, Lezo, Abaurregaina, Twitter, Etxauri eta Txantrea?
Hori da nire bizitzaren mapa, edo "lutelestia" ( Txikitako Mundu osoaren lutelestia liburua gogora ekarriz). Nire geografia ez da mundu osoarena, mapa txikiagoan bizi izan naiz ni.
Baratzeak, autobiografikoa izateaz gain, ligatzeko ere balio duela diozu…
Beno, txiste moduan jarri nuen, baina egia da. Funtsean, zure baratzera etortzen denak izango duen inpresioa oso ona da: "Aiba! Ze polita!". Noski: badira fruituak bazkari oparoak egiteko edo errezeta mundialak osatzeko, eta beraz Pavloven txakurren antzera, sartu orduko listua produzitzen hasten dira bisitariak eta plazerarekin lotzen zaituzte orduan eta konturatzen dira zurekin ez direla gosez hilko eta… Beno… Hortik afaria gehi ohea ideiara astebete dago!
Altza Porru n parte hartuz "Jakobita lurzaleen sektarekin" egin duzu bat. Ez al du horrek gehiago erotuko Zaldieroa?
Ni beti izan naiz Jakobita. Beste planetetan bizitza bilatu beharrean bertako bizitzarekin flipatu egin dut beti. Deigarriagoa egiten zait kalabaza bat nola hazten den ikustea Marten bakterio batzuk aurkitzea baino. Sistema osoa zirraragarria da: nola kalabazak ura metatzen duen, nola guk gero kalabazaren propietateak hartzen ditugun, hondakinak konpostan, konpostetik lurra, lurretik kalabaza. Izugarria da! Jakobita nintzen ni Jakobitak ezagutu aurretik.
Zer iruditu zaizu Asiskok egileen aurkezpenean egin dizun barazki-karikatura?
Oso ona. [Eta segidan Altza Porru liburuaren bila joan da karikatura gogoan ez zuelako] Hara! Piper horia. Oso ona. | news |
argia-b2560551a97d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/sagarraren-emana-jaso.html | Sagarraren emana jaso | Jakoba Errekondo | 2016-11-20 00:00:00 | Sagarraren emana jaso
Nork ez du sagarrondo bat etxe inguruan? Euskal Herri hezean bizi zaretenok, behintzat, harantzaxeago edo honantzaxeago, urrutira gabe izango duzue, sagardi bat ez bada, fruitu arbola etxekotu horren aleren bat. Etxekotua, ez alferrik deitzen zaio Malus x domestica. Eta nonbait etxekotua izan bada, hori geure etxea da, geure kulturaren lurra.
Sagarrondo bat inguruan duenak badaki zenbateraino emankorra den arbola hori. Bera sasoian bada, urteko eguraldia sasoian izan bada, lurra sasoian izan bada, sagar ale ezadetsuak eta sasoikoak latz emango ditu; dena dela, aleak eman edo ez erabakitzeko arbolak duen arrazoi nagusia, sasoiekin zerikusirik ez duena, gogoa izatea da, lan hori hartzeko galez egotea. Gogo hori ez duenari "arbola alferra" deitzen zaio, baita arra ere. Zergatik ote? Eman emeak ematen baitu. Eta ematen ez duenari egurra ematen zaio, esklaboei bezala: lepoa moztu eta beste buru bat jartzeko eztitu edo txertatu, kimatu, inausi eta ehunka zauri egin... Emango du bai! Beno, torturen hori beste upeleko sagardoa da eta hurrengo baterako utziko dugu.
Hobe dugu sagardoari heltzea. Sagarra, badenean lepo izan ohi da, ugari. Eta sagastian sagarretan igeri egin daiteke. Fruituak heltzen hasten direnean, zaila da arbolaren emanari eustea eta segitzea. Batzuk fresko, bere horretan jango dituzu, baina beste zerbait egin beharko duzula laster duzu buruan. Alferrik galdu gabe, nola eutsi sagarrei?
Hasteko, sagarrak bere horretan gorde, toki ilun, fresko eta egurastu batean. Sagarrak xerratu eta lehortuta ere jaso daitezke; baita zatitu eta potoetan edo izozkailuan ere. Sagarra likido eginda, adibidez. Sagarrak jo, dolarean mendetu eta sortutako muztioa bera jaso daiteke urte osorako bere gozo horretan pasteurizatuta, irakinda sagardo gisara eta areago irakinda ozpina. Marmelada, dultzea, konfitura, erreximenta, jelea... Gozagarria, egosialdia eta birrintzea zenbatekoak diren. Urte osoa sagar urte. | news |
argia-4795408dcded | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/jainkoen-lurralde-galdua-gaurko-pobreen-etxe.html | Jainkoen lurralde galdua, gaurko pobreen etxe | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-11-20 00:00:00 | Jainkoen lurralde galdua, gaurko pobreen etxe
Egipto, K.a. 2500. V. dinastiako faraoi Sahurak lehen espedizioa bidali zuen Punt erresumara, idatziz jasotako lehena behintzat. Hurrengo dinastiako Pepi II.ak ere itsasontzi bat bidali zuen Egiptoar Inperioaren hego-ekialdean omen zegoen lurraldera. XI. dinastiako Mentuhotep III.ak ere agindu bera eman zuen. Baina espediziorik ezagunena XVIII. dinastiako Hatsepsut erregina-faraioaren garaian egin zen, Inperio Berriaren hasieran, Deir el-Bahariko tenpluako erliebeetan xehe-xehe deskribatuta gorde dena.
Punt Hathor jainko-jainkosaren lurraldea eta Rak lurrean zeukan etxea zen. Goizero eguzki-jainkoa hantxe jaikitzen zen, mundua argiz betetzeko. Ta-netcher esaten zioten egiptoarrek, "jainkoaren lurraldea", alegia, eta paregabeko aberastasunak zituen: intsentsua, mirra, ebanoa, urrea, malakita...
Hatsepsut Egiptoko tronuan luzeen egon zen emakumea izan zen, K. a. 1479tik 1457 arte. Eta Punteko espedizioa agintaldiaren une gorena izan zen. Lehorretik nahiz itsasoz abiatu zen espedizioa, hainbat gurdi eta 24 metro luze ziren bost ontzi Punteko agintarientzako opariz bete ondoren. Besteak beste, Hatsepsut erregina eta Amon jainkoa elkarrekin irudikatzen zituen eta granito arrosazko bloke bakar batekin zizelkatua zegoen estatua erraldoia eraman zieten lurralde joriko biztanleei. Bidaia oso arrakastatsua izan zen. Bizirik zeuden 30 zuhaitz eraman zituzten bueltan, gero Deir el-Bahariko tenpluaren atarian landatuko zituztenak; palmondoak eta sikomoroak besterik ez zituen herrialdean, bestelako zuhaitzak ondasun preziatuak ziren. Gainera, mirra, ebanoa, bolia, "urre berdea" (malakita), intsentsua, animalien larruak, txakurrak, babuinoak eta bestelako tximuak eraman zituzten gortera.
Punteko Ity erregina eta Parehu erregea xehe deskribatu zituzten espedizionarioek; hangoek egiptoarrek baino azal ilunagoa zutela esan zuten, adibidez. Baina lurralde miragarriaren kokapenik ez zuten zehaztu, eta gaurdaino ez da Punten arrasto arkeologikorik identifikatu. Adituen ustez, egungo Sudan, Somalia, Eritrea, Etiopia eta Djibuti inguruan egon zitekeen. Beraz, Ra jainkoaren etxe oparoa zena planetako eremu txiroenetakoa da egun. | news |
argia-bece48f688b8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/euskal-neoliberalismoa.html | Euskal neoliberalismoa | Juan Mari Arregi | 2016-11-20 00:00:00 | Euskal neoliberalismoa
ELAko idazkari Adolfo Muñoz Txikik euskal neoliberalismoaren zauria ukitu du eta erreakzio gogorra eragin, batez ere EAEko eta Nafarroako gobernuetan neoliberalismo hori ordezkatzen dutenen artean, baita haiek sostengatzen dituzten ezkerreko alderdien artean ere.
Muñozek arrazoi du esaten duenean administrazio biek euren politikak oinarritzen dituztela zerga erreforma injustu batean, patronalen ikuspegitik ari direla eta oposizioak ez duela oraindik alternatiba errealik eskaini. Arrazoi du Muñozek thatcheriar estiloko politika antisindikala daramatela dioenean, patronalak nahi duen "diziplina eta bake sozialaren" alde eginez. Eta arrazoi osoa du bere buruari galdetzen dionean nola eraman ote daitezkeen aurrera politika sozialak Europako presio fiskal baxuena edukita, kapitalaren, errenta altuen eta enpresa etekinen mesedetan.
Muñozek ezkerreko alderdiei begiratu die. Ezin dira politika neoliberalak eta kapitalistak bultzatzen dituztenak babestu, eta bi erkidegoetako administrazioak horretan ari dira. Ekintza ildo bateratuak bilatu behar dira sindikatu abertzaleen eta mugimendu sozial eraldatzaileen artean. Neoliberalismoari aurre egiteko alternatibak bilatu behar dira, zerga erreforma eta aberastasunaren banaketa bidezkoak lortzeko.
EAJk izandako erreakzioak –Muñozen sindikatua alderdi politikoa dela esanez, eta sindikatu baten zereginera muga dadila eskatuz–, oso ondo islatzen du haien aurpegia. Herritar orok, eta edozein sindikatu edo mugimendu sozialek, eskubidea dute gobernuen jarduna kritikatzeko. Jarrera egokiena, egindako akatsak onartu eta neoliberalismoa atzean uztea litzateke, gizarte justuago, berdinago eta solidarioago baterantz eginez. | news |
argia-c02ecabfddf7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/udalerri-euskaldunak.html | Medikuen eta pediatren lautik bat ez da gai euskaraz egiteko | Onintza Irureta Azkune | 2016-11-20 00:00:00 | Medikuen eta pediatren lautik bat ez da gai euskaraz egiteko
UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak), erakundeak berak biltzen dituen 76 udalerrietan familia eta larrialdi medikuen eta pediatren euskara gaitasuna neurtu du. 76 udalerriak Hego Euskal Herrian daudenez, Osakidetzako eta Osasunbideako profesionalak dira denak. 289 profesional zenbatu dituzte UEMAko udalerrietan. 73 ez dira gai euskaraz aritzeko. Familia eta larrialdi medikuen %22 da gai ez dena eta pediatren %35.
Profesionalen euskara gaitasuna jakiteko UEMAk Osakidetzako eta Osasunbideako plantillak begiratu ditu eta langileok haien lanpostuetan zein hizkuntza eskakizun dituzten eta hori egiaztatuta duten ala ez aztertu du. Gerta daiteke ordea (eta alboko taulan gertatzen dela ikusiko duzue), hizkuntza eskakizuna izan eta euskaraz aritzeko gaitasunik ez izatea, eta alderantzizko adibideak ere badira, badira hizkuntza eskakizuna eduki ez arren euskaraz egiteko gai diren medikuak. Egoera horiek xehetasun gehiagoz jakiteko asmoz, udalerrietako euskara teknikariekin, politikariekin, osasun etxeetako langileekin eta herritarrekin hitz egin dute.
2013an ere egin zuen ikerketa UEMAk eta emaitzak alderatzeko aukera izan du. Eneka Maiz Etxarri-Aranazko alkate eta UEMAko zuzendaritzako batzordekideak honela baloratu du bilakaera: "Ordudanik osasun etxe batzuetan egoerak hobera egin badu ere, beste batzuetan okerrera egin du edo bere horretan irauten du". Bereziki larritzat ditu udalerrian profesional guztiak (gehienetan profesional bakarra dute, edo medikua edo pediatra) euskaraz egiteko gai ez diren adibideak.
Oporretan zer?
Eskuineko orrialdeko taulan agertzen diren kolore berde-gorriek profesionalek hizkuntza gaitasuna duten ala ez adierazten dute, eta alboko oharrak irakurrita jakin daiteke, eskakizuna albo batera utzita, medikua edo pediatra euskaraz egiteko gai den ala ez. Hala ere, horrek ez du esan nahi, demagun Etxalarren, urte osoan pediatra euskalduna dutenik. Zer gertatzen da ordezkapena egin behar denean, esate baterako medikua oporretara doanean? Bada behin baino gehiagotan ordezkoak euskara ez dakitenak izan dira. Joan den udan Azpeitiak, Segurak eta Aulestik horrelako egoera salatu zuten eta tankera berean ziren udalerriak dozenaka ziren.
Jubilazioa da beste kezka iturri bat. Batetik, hurrengo medikua euskalduna izateko aukera da, eta bestetik, okerrera egiteko arriskua dago; badoana euskalduna da eta etorriko dena ez jakin. Horregatik, UEMAk eskaera zehatza egiten die Osakidetzari eta Osasunbideari, "udalerri euskaldunetan egingo diren kontratazio berri guztietan, behintzat, profesional euskaldunak kontratatu daitezela".
Nafarroan hizkuntza eskakizunak urri
Mediku euskaldunak eskualdeka kokatzen ditu Nafarroako Gobernuak. Alabaina, herritarrak ez dira pozik, horrek ez duelako bermatzen arreta euskaraz jasoko dutenik. Gobernuak 100 lanpostu atera ditu lehiaketa publikora eta horietatik hamabik dute hizkuntza eskakizuna.
Taulan duzue UEMAren ikerketaren emaitza. Ez dituzue mankomunitateko udalerri guztietako datuak aurkituko, baizik eta zerbitzua euskaraz emateko arazoak dituzten osasun etxeak. | news |
argia-b31aa94396a7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/inigo-cabacasen-familia-ikerketa-ixtearen-beldur-da.html | I�igo Cabacasen familia ikerketa ixtearen beldur da, epaitegien jarreraren aurrean | Iosu Alberdi Atxurra | 2016-11-08 00:00:00 | I�igo Cabacasen familia ikerketa ixtearen beldur da, epaitegien jarreraren aurrean
Bizkaiko Auzitegian jarri zuten helegitearen erantzunaren zain daude Iñigo Cabacasen gurasoak, Gara egunkariak zabaldu duenez. Errekurtsoa jarri zutela bost hilabete igaro ondoren instrukzioa ixteko nahiaren beldurra dute. Hori salatzeko elkarretaratzea egin zuten azaroaren 7an Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren (EAEAN) aurrean.
Familiak eskatzen du ertzainak berriz deklaratzera deitzeko, agenteek "nork gehiagok tiro egin zuen" bazekitela publikoki adierazi ostean. Ana Torres EAEANko epaileak familiaren eskakizunei ezezkoa ematea erabaki ondoren, haiek Bizkaiko Auzitegian errekurtsoa jarri zuten.
Torres epaileak ekainean sei hilabeteko luzapena agindu zuen helegitea argitzeko. Luzapeneko sei hilabeteetatik bost igaro dira eta errekurtsoak ez du erantzunik jaso. Familiak denbora honetan ezer egin ez dela salatu du.
Jaso duten informazioaren arabera errekurtsoaren aurkako erantzuna ziurtatua dutela adierazi zuen familiak azaroaren 7an eginiko elkarretaratzean. Beldur dira, kasua ixtearen aurrerapena izan daitekeelakoan. Horren aurrean dei egin die Justizia Administrazioari eta Eusko Jaurlaritzari "beste era bateko interesak albo batera utzi eta justizia egiteko".
"Ez dugu ulertzen XXI. mendean poliziak Athleticen partidu batean pertsona bat hil eta nola ez den ikertu nahi", salatu zuen Iñigo Cabacasen aitak.
Halere, errekurtsoaren ezeztapena jasotzeak ez luke derrigorrean kasuaren itxiera ekarriko. Hainbat inputaturen aurka dauden frogekin epaiketara joateko aukera dago. Familiaren iritziz, ordea, poliziak berriz deklaratzea froga oso garrantzitsua da gertaturikoa argitu eta arduradun nagusiak ikertzeko, bereziki karga poliziala agindu zuena. | news |
argia-f3865eacf95e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/ohar-autobiografikoak.html | Ohar autobiografikoak | Angel Erro | 2016-11-20 00:00:00 | Ohar autobiografikoak
Jaio nintzen egunean, 1978ko maiatzaren 12an, etorkizuneko ez dakit zein unetan amaituko den atzera kontua hasi zen. Amak, berez, hezur eta mamizko kronometro akastun honetaz baino ez ninduen hornitu. Nire ohar autobiografiko hau osatu bitartean, konparazione, haren mutur bati begiratzea beste erremediorik ez daukat, zerbait ulergarria idatziko badut (hain da akastun!), nire sortegunean abiatutako heriotza promesa edozein momentutan bete daitekeela gogora ekarriz eta gero –gaur behintzat– paperera.
* * *
1978ko maiatzaren 12an hasi nintzen nire autobiografiarako dokumentatzen.
* * *
1978eko maiatzaren 12an ezagutu nituen nire gurasoak. Haiek, edo beraien atal 23 kromosomadun banak nigan ezagutu zuten elkar bederatzi bat hil lehenago, abuztuko egun edo gau batez, Burlatako festetan seguruenik, egiantzekotasunez bizipoz etiliko betean, zeinak, dagoeneko ezkonduta zeudela aintzat hartuta, nerabe eta arduragabe puntu bat ematen baitio nire sorkundeari. Zesareaz atera (edo erauzi) ninduten amaren sabeletik. Horrek birjintasun klaseren bat ematen didalako ustean bizi izan naiz luzaro. Beste norbaiten 23 kromosoma nigan bilaketa burugabe bati ekin zioten aurreneko eguna ongi dut gogoan –urtarrilaren 6ko batean izan zen–, baina ez dut urtea esanen. Kalkulatu beharko nuke.
* * *
Ni jaio nintzen Rafael Gurrea, Amadeo Marco, Ramón Rubial, Adolfo Suárez, Valéry Giscard d'Estaing, Jimmy Carter, Leonid Ilitx Brezhnev, Montini Aita Santua, Aita Villasante, Janelle Commissiong eta Mary Stävinen agintaldiaren pean. Hamaika kargu horietako hiru –hau idatzi bitartean; argitaratutakoan, beharbada lau– baino ez daude orain, 14.055 egun geroago –hau idatzi bitartean–, emakumezkoen esku.
* * *
1978eko maiatzaren 12an jaio nintzen, nik dakidala, lehen aldiz. Harrezkero gero eta gauza gutxiago egin ditut, nik dakidala, lehen aldiz. Euskara ikastera, esaterako, 17 urterekin hasi nintzen bigarren aldiz. Gurasoek eraman (baina urtebetera atera) ninduten Uharteko haurtzaindegi euskaldunaren kalifikazio orrialdean euskarazko hitz batzuk banekizkiela jasota dago andereñoaren kaligrafia txukunean, nahiz eta –zehazten du txostenak– ez oso ahoskera garbian, baina hori bai euskaraz bai gaztelaniaz gertatzen omen zitzaidan. Dagoeneko ez ditut hitz bakan horiek gogoan. Bai gogoratzen naiz behin zigortu nindutela patioko zuhaitzean txiza egiteagatik, ez bainekien komunera joateko eskatzen, edo eskatzeak lotsa ematen zidalako bestela. Geroago, zehazten ez dakidan adin batean, baina atzera ere erdaldun petoa nintzenean, amak psikologo batengana eraman ninduen kezkatuta jendaurrean txintik esaten ez nuelako. Ez dut gogoan zer eginen zidaten edo nik zer esanen nuen kontsulta horretan, ez bainuen itzuli behar izan. Halere, beti irudipena dut desgogara mintzo naizela, edozein hizkuntzatan ari naizela ere.
* * *
Bere buruaz nekatutako mende baten amai aldera jaio nintzen, bere historiaz nekatutako kontinente bateko lurralde nortasun arazodun batean, ahultzen hasitako genero biologiko baten ezaugarri morfologikoen baitan. Hortik aurrerako guztiak, ez mende berriak, ez neure burua euskaldun-edo sentiarazteak, ez gixon-erdia izatearekin etsitzeak, ez nau funtsean mende amaierako, nazionalitate arazotsuko eta gizadi erdia mende edukitzearen konplize izatetik libratu. Idazteak batzuetan bai. | news |
argia-288bca338f6c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/mexikotik-dator-notizia.html | Mexikotik dator notizia | Joxe Iriarte, Bikila | 2016-11-20 00:00:00 | Mexikotik dator notizia
1994. Mexiko ustez otzandu eta baretu batean, Salinas de Gortadi presidente neoliberalak sinatu berria du TLCAN- NAFTA ituna. Amaitutzat ematen da Pancho Villa eta Emiliano Zapataren iraultzaren hondarrean Lázaro Cárdenasek baliabide energetiko eta indar produktibo nagusiak nazionalizatuta eraikitako ongizateko estatu paternalista eta abertzalea. Kapital transnazionalei (eta bertako oligarkiei) parez pare irekitzen zaizkio ateak ondare nazionalak pribatizatzeko eta ustiatzeko.
Supituki, Emiliano Zapata ikur Lacandona oihanetik beren buruak mozorrotuta daramaten indigenek osaturiko armada batek (EZLN) San Cristóbal de las Casas bere egiten du, Lurra eta askatasuna! aldarri. Armada horrek ez du zer ikusterik ohiko gerrila -rekin. Izaera indigena du eta bere helburua ez da Estatu boterea bere egitea, botereari aurre egitea baizik.
Eta gu harri eta zur.
Harez geroztik EZLNk bidea egin du Chiapas lurraldean, komunitate indigenen auto-antolakuntza babestuz eta komunitatea helburu duen filosofian oinarrituriko obedecer mandando (aginduz obeditu) xedez eraturiko gobernu autonomoak (caracolak) osatuz. Alabaina ez da mugatu liberatutako txokoan goxo egotera. Gai izan da La sesta deituriko internazional sarea sustatzeko, baita egoeraren arabera Mexiko osorako ekimenak antolatzeko ere aldian-aldian. 2006an izugarrizko arrakasta izan zuen La Otra Campaña Mexiko osoan era askotariko komunitate eta talde desberdinen laguntza eta sostengua lortuz.
2016. Mexikok amildegiaren ertzean dagoen traza guztiak ditu. Instituzioak pipiak janda daude; ustelkeria da nagusi politikan eta herrian miseria; baliabide naturalen ustiaketa basatia aurrera doa komunitateak deseginez; gizartea militarizatu egin da narkoei aurre egiteko aitzakiaz, eta indar parapolizialen jazarpen hiltzailea nonahi dago. "Emakumezidioa" ahaztu gabe.
Berriro, ustekabean, ohiko abstentzioa alde batera utziz, izugarrizko lurrikara politikoa eragin du EZLNk eta CNIk (Indigenen Biltzar Nazionala) hauteskundeetan parte hartuko dutela adierazi izanak, komunitate auto-antolatuak oinarri, presidentegaia emakume indigena izango dutelarik.
Eta gu aho bete hortz.
Eliteen erantzuna. Mespretxua, arrazakeria eta misoginia. Castillas 1 (gazteleraz, alegia) erdipurdi hitz egingo duen emakume ezjakin bat presidente gai? Izorratuenenean, berriz, poza eta itxaropena.
(1) Galeano (lehen Marcos) subkomandanteak ohiko zuhurtziarekin erantzun die: emakume horrek agian ez du castilla- z egoki hitz egingo, baina argi eta garbi bai, eta denok ulertzen dugu. Zuen erretolika ikasia, aldiz, hutsala, iluna eta ulertezina da herriarentzat. Horra diferentzia! | news |
argia-06e0519c0249 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2530/bidaiak.html | Bidaiak | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2016-11-20 00:00:00 | Bidaiak
I. O. (Iparrorratza) zigiluak argitaratu duen disko berri hau lan bikoitz baten lehen zatia da. "Egiazko jostura lan bat", egileen hitzetan.
Doinuetan, kanpora egindako bidaiak suma daitezke, 70eko hamarkadako zenbait musika joeraren ukituak: euskalduna (Itoiz), anglosaxoia (King Crimson) edota brasildarra (Caetano Veloso). Folk-pop-rock-progresibo kutsuko kantuak dira. Giroak oro har leunak dira, baina pasarte batzuk indartsuak.
Hitzetan, berriz, barrura egindako bidaiak ageri dira, bidaia intimoak, Tristtan Mourguyren sentimenduak, kezkak, gogoetak: "Ez dut izar bat izan nahi ilunabarra goaitatu sentitzeko alai, goizetik mihia bustitzen dut gezurraz pixkanaka pozointzen nere hezurrak ( Gordeka ), "Oraina iraganaren hatza, zure hesia dadila altxa lehen aldikotz hartzeko hatsa, lizuna bihurtzeko aratza" Erakartzeko hitzak ), "Amets ederrenak haizu, nahiz ta harrapagailu, presta zure paraisu, izan nahi dut kaiku-kaiku" ( Berritz azken aldi batez ).
Tristtan Mourguyren ahotsa eta gitarra akustikoa dira ardatz nagusiak. Nortasun handiko ahotsa dauka, beroa eta apala. Grabazio saioetan berarekin aritu diren musikariek lan handia egin dute kantuak janzten eta moldaketak egiten, Aymeric Gnimassouren (gitarra elektrikoa, samplerrak eta nahasketak) gidaritzapean: Flo Capelier (pianoa eta ahotsa), Arthur Capelier-Mourguy (biolina, alboka eta harmonika), Xabi Etxeberri (biolina), Cedric Lepine (bateria eta atabalak), Greg Juvin (baxua), Fabien Lapouge (klarinetea) eta Michael Barras (gitarra elektrika eta tronpeta). Eskarmentu handiko musikariak dira, zenbait taldetan aritutakoak: Euski, Begiz Begi, Zezenaren Taldea, Torii, Tikken Jah Fakoly, Bernard Lavilliers, Zapo Zain, Kadjoo, Le Bestiare, Polo Fox, Mahamudra...
Tristtan Mourguy Donibane Lohizunekoa da. 2014an Trobador bere lehen diskoa kaleratu zuen, eta disko hori aurkezteko 80 bat jendaurreko emanaldi egin zituen. Egunotan, Dual (½) : Gordeka lan berria aurkezten ari da berarekin aritzen diren musikariekin. Besteak beste, abenduaren 2an Durangon, abenduaren 11n Ziburun, eta urtarrilaren 3an Iruñean ariko dira. | news |
argia-24921d40abc3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/labore-bilbo-hiritarrak-ere-elikadura-burujabetzarantz.html | Labore Bilbo: hiritarrak ere elikadura burujabetzarantz | Garazi Zabaleta | 2017-07-23 00:00:00 | Labore Bilbo: hiritarrak ere elikadura burujabetzarantz
Elikaduraren gaiarekin kezkatuta zeuden Bilbo inguruko hainbat herritarrek elkartzea erabaki zuten duela urte pare bat. Eztabaidatu eta hausnartu ondoren, 2016ko udazkenean Labore elkartea sortu zuten eta Bilboko GITE-IPESekin elkarlanean antolatutako "Zer jan? Eta nola erosi?" jardunaldian aurkeztu zuten.
Saltoki itxurako kontsumo elkartea
Jada martxan dauden antzeko esperientzia txiki nahiz handiak eredu hartu dituzte Bilboko Labore proiektua garatzeko: hor daude Oarsoaldeko Labore edota ibilbide luzea duen Iruñerriko Landare, besteak beste. Bilbon ere bazkideentzat denda modukoa irekiko dute udazkenean.
Elkartearen xedeen artean daude, besteak beste, bertako produktuak eskaintzea, elikadura negozio izatetik zerbitzu izatera pasatzea, salmenta zuzena bideratzea, kalitatezko produktu ekologikoak eskaintzea, proiektuaren motorra herritarrak izatea, bestelako jendartea eraikitzea edota ama lurraren defentsa egitea.
"Labore Bilboren jarduna hiru zutaberen baitan antolatuko dugu: bertokoa, agroekologikoa eta soziala. Produktu batzuetan irizpide bat hobetsi daiteke, hurrengoan bestea bultzatzeko", dio proiektua aurkezten duen esku-orriak.
Bazkideak proiektuaren bizkarrezur
Bazkideek hartzen dituzte Labore Bilbo elkartean erabakiak, eta irekiko duten espazioa guztien artean eraiki nahi dute. Dendaren kokapena, produktuen eskaintza, funtzionamendua zein arauak modu zabal eta demokratikoan adostea.
Kontsumitzaileek kalitatezko produktuak prezio egokietan eskuratzeko eskubidea duten bezalaxe, nekazarientzako ere duinak izanen diren prezioak aldarrikatzen ditu elkarteak. "Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko aliantzan sinesten dugu. Tartean dauden bitartekari eta bestelako interesak baztertuz".
Proiektuaren inguruko xehetasunak eskuratu edo bazkide egin nahi duenak laborebilbo.eus webgunean aurkituko du beharrezko informazio guztia. | news |
argia-c71fc2d6e411 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/kosmetika-produktuak.html | Ezin bada jan, ez eman | Onintza Irureta Azkune | 2017-07-23 00:00:00 | Ezin bada jan, ez eman
Oso mantso, eta populazioaren zati batek baino ez bada ere, badirudi gehiago begiratzen dela zer eramaten den ahora. Elikagaiak non eta nola landu dituzten jakin nahi dugu, sabelean zein osagai sartu ditugun jakitun izan nahi dugu. Aldiz, larruazalaren bidez odoleraino zer sartzen ari garen ez dakigu. Ez dakigu hidratatzaileak zer daukan, azazkalak margotzeak zer ondorio dituen, ilea garbitu digun xanpuak zer duen eta nora doan. Petroliotik eratorritako osagaiak dira asko, eta osasunarentzako arriskutsu izan daitezkeenen zerrendan daude ugari.
"Produktu kosmetikoek eragin ditzaketen osasun kalteez kezkatuta gauden bakarrak ez gara ekologistak, kutsatzaile hormonalekin adi ibili behar dela esaten ari dira zientzialariak ere. Espainiako Estatuan kutsatzaile hormonalak aztertzen dituzten munduko ikerlari onenetakoak daude. Deitu ezazu Granadako Unibertsitatera". Kistiñe Garcia Ekologistak Martxaneko kidea da eta kutsatzaile hormonalei buruzko www.libresdecontaminanteshormonales.org webgunea kudeatzen du. Pestizidez bezala kosmetikaz aritzen da.
Granadako Unibertsitateko Mariana Fernándezi, Zientzia Kimikoetan doktore eta Biomedikuntza Zentroko ikerlariari, deitu diogu eta galdetu diogu ea produktu kosmetikoak erabiltzerakoan, azazkalak margotzerakoan, lurrina botatzerakoan, azala hidratatzerakoan, gure burua zaintzen eta edertzen ari garelakoan, ez ote garen ari osasuna arriskuan jartzen. Fernándezen ustez, kosmetikan erabiltzen diren hainbat osagai kimiko oso kezkagarriak dira, sistema hormonala erasan dezaketelako, kutsatzaile hormonalak baitira. Osagai horien eta ondoko arriskuen arteko lotura egin dute ikerlariek: ugalketa eta garapen arazoak, gaixotasun metabolikoak (obesitatea, diabetesa), arazoak inmunitate eta sistema neurologikoan, tiroide arazoak, eta minbizia ere bai. Petroliotik eratorritako osagaien eta osasun arriskuen arteko loturaz hitz egiten du zientzialariak, kontua baita oso zaila dela frogatzea kutsatzaile hormonalek kalteren bat eragin dutela. Frogatzea zaila da eta gainera kalteak urte askotara agertzen dira, 20 urte ere igaro daitezke ondorioak agertzerako. Batzuetan kutsatzaile hormonalak barneratu dituztenen ondorengoetan azaltzen dira kalteak, eta ez erabili dituztenengan.
Produktu sintetiko saldo baten eraginpean bizi gara (kosmetikaz askoz harago) eta Fernándezen iritziz, haien ezaugarri toxikoak ez ditugu ondo ezagutzen eta ez dira ikertu. Ez ezagutzeak ez du esan nahi ez direnik kaltegarriak. Beste gauza bat da, zientzialariaren ustez jarrera inuzentea, pentsatzea osagai kimiko bakoitzak bere aldetik eragingo digula. Osagai kimikoek elkarrekin zein ondorio eragin ditzaketen aztertu behar da. Koktel eragina deitzen diote horri. Beraz, osagai kimikoen arriskua elementuak bakarka aztertuta neurtzea intentzio txarrekoa eta inuzentea dela uste du.
Nola aukeratu osasunerako produktu ez arriskutsua halako apalategian? Produktuen osagaiak ezagutzen laguntzen duten sakelako telefonorako aplikazioak badira. Argazkia: Dani Blanco.
Nola aukeratu hidratatzaile segurua?
Fernándezek ondoko adibidea eman digu. Produktu Kimikoen Europako Agentziak Bisfenol A konposatua "osagai oso kezkagarrien" zerrendan jartzea erabaki du. Erabaki zaila izan da eta lan zientifiko ugari egin behar izan dute osagai horren eta osasun arazoen arteko lotura frogatzeko. Gogoan hartu zehaztapena, gizakiarentzako "osagai oso kezkagarrien" zerrendan jarri dute, ez dute debekatu. Beraz, fabrikatzailearen esku geratzen da osagaia erabiltzen jarraitu, erabilera mugatu, edo erabiltzeari utzi.
Osagai sintetikoek gure gorputzean duten eragin kaltegarria frogatzea oso zaila da, sarri ondorioak hainbat urtetara agertzen dira, arriskutsutzat hartzen direnean debekatu ordez "zerrenda beltzean" jarri eta fabrikatzailearen esku uzten da erabakia... Halako ziurgabetasunarekin kontsumitzaileak nola aukeratuko du osasuna kaltetuko ez dion ezpainak margotzekoa? Zergatik erosiko du goiko apalean dagoen hidratatzailea eta ez behekoan dagoena? Kistiñe Garciari galdetu diogu ea xanpuaren osagai zerrenda osorik irakurri eta aztertu behar dugun erosi ala ez erabakitzeko, eta jakina, ea osagaiak ezagutzeko ikastaroa egin behar dugun: "Ezin dut halakorik aholkatu, ezin gara horrela ibili, batzuetan zerrendak oso luzeak dira eta lupa behar da irakurtzeko. Eta beste gauza bat: kontuan hartu produktu sintetikoen bidez datozkigun osasun ondorio guztiak saihestea ezinezkoa dela. Kosmetikoez galdetu didazu, baina osagai sintetikoz inguratuta bizi gara, hor dira pestizidak eta plastikoak. Adibide bat emango dut: osagai sintetikorik ez duen hidratatzaile baten bila ahalegin ederra egin dezakezu eta gerta daiteke haren ontzi plastikozkoak kutsatzaile hormonalak izatea".
Produktuen lehen 4-5 osagaietan jarri arreta. Horien artean, gutxi gorabehera, produktuaren osagaien %90 biltzen da
2015ean AEBetan Berkeleyko Unibertsitateak eta Salinas Valleyko Osasun Klinikak nerabe emakumezkoekin egin zuten ikerketa. Batez beste egunean 17 kosmetiko erabiltzen zituztela ikusi zuten eta nerabe izanda haien sistema hormonala garatzen ari zenez, kutsatzaile hormonalen aurrean ahulago ziren. Ohiko kosmetikoak hiru egunez kendu zizkieten, eta parabenorik eta ftalatorik ez zutenak erabilarazi zizkieten. Pixa azterketan ikusi zen metil eta propil parabenoek %44 eta %45 egin zutela behera, dietil ftalatoaren metabolitoak %27, eta triclosan eta bentzofenona-3k %36.
Garciak, Ekologistak Martxaneko kideak, aukeraketan ez erotzeko gomendioa egin digu eta ahalik eta kosmetiko naturalenak eta seguruenak erosteko jarraibideak eman dizkigu. Produktuen lehen 4-5 osagaietan jarri arreta. Horien artean, gutxi gorabehera, produktuaren osagaien %90 biltzen da. Lehen postuetan zenbat eta osagai sintetiko gehiago, are eta arrisku eta ziurgabetasun handiagoa, podiumean zenbat eta osagai ekologiko gehiago produktua are seguruagoa. Produktuen osagaiak irakurri eta aztertzeko sakelako telefonorako aplikazioak daude (ikus koadroan ThinkDirty eta Ingred app-ak). Halako ariketak edozein saltokitako apaletara gerturatuta egin genitzake. Hala ere, Garciaren ustez, produktu seguruagoak erosteko aukera gehiago ditugu kosmetika naturala saltzen duten dendetan, hala nola, belar dendetan. Dena dela, Garciak, ahalik eta kosmetiko gehien etxean egitea gomendatu digu, seguruena eta merkeena delako, nahiz eta hainbat produktu egiten (makillajea, desodorantea...) esperientzia gutxi dugun. Garciak azpimarratu du azken urteetan jendea etxean egiten hasi dela hidratatzaileak, ezpainak babestekoa eta xaboiak. Oso antzeko produktuak dendan eros daitezke, baina ez dira hain prezio onean ateratzen.
Argazkia: Dani Blanco.
Eta etxean egindakoa erabiltzen badugu?
Garbiñe Larrea naturopata da (FENACO naturopaten federazioan 4131 zenbakia du) eta sendabelarretan eta kosmetika naturalean aditua. Galdetu diogu ea haren bezeroa kosmetiko sintetikoen arriskuez kezkatutako jendea den. Kontzientzia duen jendea baino, osasun arazoak dituen bezeroa duela esan digu. Askok azaleko arazoak ditu, kalte txikienetik hasi eta minbiziraino. Hainbat adibide kontatu digu. Ama batek aitortu zion higiene zale amorratua zela eta haurrak gel, xanpu, kolonia eta kremaz ondo hornituta zituela. Umeek azaleko arazoak zituzten. Proba erraz bat egiteko eskatu zion gurasoari: erabiltzen zituen produktu guztiak alboratu eta berak gomendatutako bat edo beste baino ez erabili. Azaleko arazoak desagertu ziren. Larreak probatzea gomendatzen du, kosmetika sintetikoa alboratu eta osagai naturalekin egindakoekin esperimentatzea, ikusia baitu azaleko hainbat arazotan beltzetik zurira aldatzen dela egoera.
Kosmetika naturalaz ikastaroak ematen ditu eta ikasle askok eskatzen dio berak egiteko kosmetikoak eta saltzeko. Ez dauka denda irekitzeko asmorik ordea, ez du saldu nahi, berak etxean ikusi duena gaur egungo etxeetan egitea nahiko luke, alegia, norberak egitea xaboiak, ukenduak, eta abar: "Etxean senideen artean egiten genuen xaboia, 8 urterekin ikasi nuen kremak egiten. Orain jendea produktu naturalak erosteko prest dago, baina nik norbera moldatzearen alde egiten dut. Ahalik eta jende gehienak ikastea nahi dut. Elkarrekin bildu eta egin kosmetikoak aisialdian. Batzuek hippiak garela esaten digute, baina gure aurrekoek egin dutena errepikatzea baino ez da". Horrela, kosmetiko sintetikoen arriskuak saihesten dira, eta dendako kosmetiko naturalak baino dezentez merkeagoak egiten dira etxean.
Larrearen bi esaera geratu zaizkigu gogoan: "Kosmetika sintetikoa erabiltzea larrutik ordaintzen ari gara" eta "ezin baduzu jan, ez eman".
Nola aukeratu kutsatzaile hormonalik gabeko eguzkitako krema
Kutsatzaile hormonalen bidez kalte handiena jasateko arriskua haurdunek eta umeek dute. Eguzkitako krema emandakoan osagaiak (toxikoak izan edo ez) larruazaletik gorputzera igarotzen dira eta haurdunaren kasuan plazentan eta umekian pilatuko dira. Bartzelonako Sant Joan de Déu ospitalean egindako ikerketa baten emaitzen arabera, haurdunek espero baino 500 aldiz toxiko gehiago zuten. Jaioberriak garatze arazoak izan ditzake edo handik urte askotara ondorioak (antzutasuna edo minbizia) jasan ditzake. Haurdunak bezala umeak dira arriskupean daudenak. Haurra hazten ari da eta hormonek garrantzi handia dute.
Merkatuan gero eta eguzkitako krema seguruagoak eta osasuntsuagoak daude. Saltzaileak jabetu dira erosleak kezkatuta daudela eta gero eta arreta handiagoz aukeratzen dituztela produktuak. Danimarkan Think Chemical kontsumitzaileen kontseiluak 66 eguzkitako krema aztertu zituen eta %40k ez zeukan kutsatzaile hormonalik. Zerrenda osoa sarean dago . Nahiz eta gehienak Danimarkan soilik saltzen diren badira nazioarteko markak. Enviromental Working Group datu basean 750 eguzkitako krema aztertu dituzte eta toxikotasun mailaren arabera sailkatu.
Argazkia: Dani Blanco.
Kutsatzaile hormonalen arriskuez ohartarazten gaituzten webguneetan edo elkarrizketetan eguzkitarako oinarrizko aholkua ondokoa da: ahal dela itzala bilatu edo eguerdiko orduetan saiatu eguzki galdatan ez egoten. Alderantzizkoa egin nahi duenak zein aukera ditu petroliotik eratorritako osagaiekin egindako eguzkitako kremak saihesteko? Kosmetika naturalean badira bi era eguzkiari iragazkia jartzeko. Batetik, iragazki biologikoak daude, karite, mugurdi eta gari germen olioak. Horiek ordea, ez dute krema konbentzionalek adinako babes maila eta tarte laburrerako balio dute. Bestetik, iragazki fisikoak daude. Zink oxidoa, mika eta titanio dioxidoa erabili ohi dira. IARC Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak azken hori minbizi sortzaile izan daitezkeenen zerrendan jarria du, ordea.
Industria kosmetikoak badaki eroslea eguzkitako krema poto bakoitzaren letra txikiko osagaien zerrenda irakurtzen ez dela hasiko. Sarri lupa behar da eta ezagutza handia jakiteko zein diren osagai toxikoak eta zein ez. Kutsatzaile hormonalen arriskuez ohartarazten duten erakundeen aholkua da kosmetika ekologikoa dela adierazten duten etiketadun produktuak bilatzea. Halako etiketaren bat erabili duen saltzaileak lana hartu du bere produktuentzat etiketa lortzen.
Osagai arriskutsuak buruz ez ditugula ikasiko esan badugu ere, hona ohikoenak eta badaezpada saihestea komeni direnak:
- Bentzofenona 3 eta 4 (BP-3 eta BP-4).
- 4-metilbenzilideno kanforra (4MBC).
- Etil exil metoxizinamatoa (iragazki fisikoa da baina osasun arazoekin lotu dute) .
- Metil parabeno eta etil parabeno
ftalatoak (DEP, DINP, DEHP…).
- Butilhidroxitoluenoa (BHT), lurrinak, musketa sintetikoak, olio mineralak.
Organikoa, naturala, ekologikoa… Bai, seguru?
Erresuma Batuko Soil Association elkarteak inkesta egin zuen. Kontsumitzaileei galdetu zien ea kosmetikoetan "naturala", "ekologikoa" edo "organikoa" hitzak irakurtzen zituztenean zerekin lotzen zituzten. Parte-hartzaileen %76k uste zuen hitz horiek erakusten zituzten produktuek elkarte independenteren batek emandako ziurtagiri ekologikoa zutela. Kontsumitzaileek uste zuten toxikorik gabeko produktuak erosten eta erabiltzen ari zirela.
Aztertu zituzten hamahiru produktuetatik bederatzi ordezko ekologikoak baino garestiagoak ziren. Hau da, "ekologikoak" zirela esan eta produktua garestiago saltzen zuten.
Parte-hartzaileen %69k uste zuen halako hitzak erabiltzea ilegala dela. Alabaina, ez da ilegala, zeren nahiz eta kopuru txikian izan produktu horiek badute osagai ekologikoren bat. Gainera, hitz horien erabilera ez dago araututa.
Erresuma Batuko elkarteak Hamar Beldurgarriak izendatutako osagai toxikoak aurkitu zituen produktuotan. Alegia, osagai horiek izanda ez lukete sekula ekologikoaren ziurtagiria lortuko. Hona Hamar Beldurgarrien hiru adibide:
- Aloe Pura markaren produktuak "Aloe Vera organikoa" adierazpidea erabili du. Retinol naturala ez bezala, retinol palmitato artifiziala dauka, A bitamina mota bat. Haurdunaldian ez erabiltzea aholkatzen da eguneko A bitamina dosia gainditu dezakeelako eta umekian malformazioak eragin. Ingurumenean ere kutsadura eragin dezake.
- "Organic suncare" (eguzkitako organikoa) dio, baina hamar beldurgarrien zerrendako hiru osagai aurkitu dituzte produktuan: octinoxatoa, homosalatoa eta octisalatoa.
- Rituals markako gelak dio argan eta eukaliptus olio organikoak dauzkala. Ez da gezurra, baditu, baina erosleak uler dezake produktu osoa dela organikoa. Kontua da 28 osagaitan 11. eta 12. daudela olioak, hau da, aurreko hamar osagaiak kantitate handiagoan daude.
Parte-hartzaileen %72k esan zuen jakingo balu markaren batek halako "berdetasun faltsua" darabilela konfiantza galduko lukeela etxe horrengan.
Soil Associationek ondoko osagai sintetikoak ditu beldurgarritzat:
- imidazolidinil urea
- oktokrilenoa
- PEGak (PEG-7; PEG-12; PEG-40; PEG-200)
- polyquaternium-7
- polisorbato 20
- gorri kolore artifiziala 17-26100
- oktinoxatoa
- homosalatoa
- oktisalatoa
- retinol palmitatoa | news |
argia-bb5cf05fbf04 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/hatsepsut-faraoiaren-komiki-zuritua.html | Hatsepsut faraoiaren komiki zuritua | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-07-23 00:00:00 | Hatsepsut faraoiaren komiki zuritua
Badirudi manga historikoa loraldi betean dagoela. Lerro hauetan Pliniori buruzko komikia atera zutela jaso genuen eta, besteak beste, Karl Marx ere mangako pertsonaia bihurtu dute. Berriki, Chie Inudoh margolari japoniarra Hatsepsut faraoiari buruzko manga argitaratzen hasi da.
Hatsepsut lehenengo emakumezko faraoia izan zen XVIII. dinastian, K.a. 1490etik 1468ra. 22 urteko agintaldian gerrak saihestea lortu zuen eta Egiptorentzat garai oparoa izan zen hura. Inudohk dio zehaztasun historikoa izan duela xede lan honetan, baina ahaleginean azalaren kolorea ahaztu du nonbait. Kleopatra ez bezala –hura greziar jatorrikoa baitzen– Hatsepsut afrikarra zen, azal ilunekoa. | news |
argia-b7b4137ae4ac | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/juan-garzia-itzultzailea.html | "Itzultzaileak bere hizkuntza eduki behar du zabal, malgu eta presente" | Danele Sarriugarte Mochales | 2017-07-23 00:00:00 | "Itzultzaileak bere hizkuntza eduki behar du zabal, malgu eta presente"
"Godoten esperoan gaudek", esan zion Vladimirrek Estragoni; "Izan ala ez izan: horra hor auzia", Hamletek bere buruari, eta "Aukeran nahiago ez", Bartleby izkribatzaileak nagusiari, izenik ezagutzen ez diogun abokatuari. Hiru idazle kanoniko, hiru garai, hiru lekukotza ezinago ezagun: euskarara, ordea, Juan Garziak ekarri ditu denak.
Noiz eta nolatan sartu zinen itzulpenaren kontu honetan? Garai hartan, zer premia zegoen?
Hizkuntza eta literatura eskolak ematen ari nintzen Santo Tomas Lizeoan.[Jesus Mari] Lasagabasterren eskema horrekin ematen genuen literatura, betiko minimo horrekin: hiru epe; Garoa [Txomin Agirre], Leturiaren egunkari ezkutua [Txillardegi] eta Egunero hasten delako [Ramon Saizarbitoria]. Garoa irakurraraztea gogorra zen orduan, eta gaur egun uste dut ia ezinezkoa dela, baina nik planteatzen nuen ariketa berezi modura, adibidez, lexikoa biltzea kapituluka, aurre hartuz problemari. Gero, Leturiarekin, existentzialismoaren gauza dibulgatibo bat egin zenezakeen, gainera adin horretan oso ondo datorrena, kontu pixka batekin betiere, jendeari ez areagotzeko sindromea. Saizarbitoriarenak, berriz, oso joko polita ematen zuen, modernismo horrekin eta erabiltzen diren teknika guztiekin. Esan nahi dut neuk gustura emango nukeela oraindik ere literaturari buruzko eskola hiru horiekin…
Baina…
Baina material gutxi zegoen, hori argi dago. Eta egun batean –irudi hori iltzatuta geratu zait–, ikasle bat etorri zitzaidan, oraindik gogoratzen naiz zein, eta esan zidan jada irakurriak zituela nik gomendatu nizkien guztiak, baina bestelakoak nahi zituela, eta La historia interminable erakutsi zidan, Michael Enderena. Bai, nik ere nahi nituen horrelakoak. Harira etorrita, horixe zen: ez zegoela gauza handirik. Eta neuk ere baneukala hizkuntza landu beharra, zeren gauza bat da gauza handirik ez egotea, eta beste bat, berriz, norbera ere noraino iristen den.
Gogoan duzu egin zenuen lehenengo enkargua?
Andu [Lertxundi] Ereinen zebilela, gauza txiki batzuk egin nituen, adibidez, haurrentzat liburu labur bat itzuli nuen, katalanetik. Gauza xume bat zen, baina polita, zeren ipuin tradizionalen antzekoa zen, eta aukera ematen zuen bertsoak-eta sartzeko.
Eman zizuten lehen enkargu handia, berriz, hauxe: Herman Melvillen Bartleby izkribatzailea euskarara ekartzea.
Hori ere Anduk proposatu zidan, eta ordurako Inazio Mujika [Iraola] ere bazebilen Ereinen. Bartleby saila egin nahi zuten eta, noski, lehenengo zenbakiak Bartleby izan behar zuen –bide batez, sail horretako liburu denak uholde gogorrenetan galdu ziren–.Gogoratzen naiz Anduk misterio handiarekin esan zidala [Koldo] Mitxelena ibili zela hori itzuli nahian, eta lehenengo esaldia ezin zela euskaraz eman. Horrekin pikatu nintzen.
Argazkia: Dani Blanco.
Eta, halako misterioa al zeukan lehen esaldi hark?
Liburua ez nuen aurrez ezagutzen, oso asistematikoa izan naiz-eta irakurketan, zalea izan arren. Hartu nuen Bartleby eta, hara, lehen esaldia ez zitzaidan problematikoa iruditu, bai ordea gerokoa: baiezkoa eman aurretik ere ikusi nuen han problema ez zela hasierakoa, baizik eta ondoren Bartlebyk behin eta berriro errepikatzen zuen esaldi hura, eta nire ondare komunera pasa dena, batez ere burokraten artean: aukeran nahiago ez [ I would rather not to ]. Ni gustura gelditzeko moduan ematea hori… horra hor koska. Azkenean, egin nuen, eta jendeari gustatu zitzaion. Edonola ere, niretzat itzulpena beti izan da nolabaiteko atseden-bide bat.
Batek esan omen zuen itzultzea dela idaztearen plazerra, sortzearen tormenturik gabe.
Horixe da. Sortzearen parte bat tormentua da, fabulatzea bera ez, baina bai gero idaztea: zalantzaz beteta egoten zara, ez dakizu jeniala den edo huskeria. Itzulpena, berriz, desafio bat da, beste batzuek hitz gurutzatuak egiten dituzten bezalaxe egiten nuen nik. Ez duzu zalantzarik egiten jatorrizkoaz, badakizu ona dela, orduan kontua da hori euskaraz ipintzea: arazo tekniko bat da. Gustura egiten duzu literatura onarekin ari zarelako, eta tarte horretan inork ez bezala irakurtzen duzulako testu hori: idazlearekin bizi zara, mundutik abstraituta. Bide batez, idazketa lantzen ari zara, bestela berezkotik landuko ez zenukeen moduan gainera, zeren berezkoan beti bilatzen duzu erresistentzia gutxieneko ildoa.
Iaz berrargitaratu zen Bartleby izkribatzailea , Ereinen 4nak bilduman. Asko zahartu al da testua?
Gu hasi ginenean, Hiztegi Baturik ere ez zegoen. Gauzak ez zeuden hain lotuta, estandarizazioaren aldetik ezinbestekoak ziren gauza batzuk ez zeuden ezarrita. Gero, egin denean, jendea kexatu da, baina baldintza batzuk premiazkoak ziren, eta orain badago estandar bat, osatuz doana, denon artean egiten ari garen hori.
Bartleby lehenengo aldiz argitaratu zenetik 25 urte pasa dira, eta berrikusteko eskatu zidatenean pentsatu nuen hiztegia begiratu beharko zela pixka bat. Baina ez zen hori bakarrik. Begiratu behar izan dut zer egitura erabiltzen ziren eta abar. Ikasi egin dugu maila horretan: testuak hobeak dira, teorizazio esplizitu eta inplizitu bat dago.
Bestalde, esan beharra dago garai hartan jolasa politagoa zela, batez ere sormenean. Neu orain ez nintzateke atrebituko Itzalen itzal idatzi nueneko askatasun berarekin aritzera hiztegian… Egin gabe egoteak bazituen abantaila batzuk.
Itzultzaile on batek zer behar du?
Lehenengo baldintza, eta igual azkena, jakin-min unibertsala da, jakin-min patologikoa. Itzultzaileak egon behar du gauza guztiez interesatuta, hizkuntzaren alderdi guztiez, eta irakurtzea maitatu behar du. Faulknerrek esaten zuen irakurri egin behar dela, prospektu farmazeutikoak badira ere. Kontua ez da jakitea, azken batean kultura orokorra eta erudizioa ezin bailitezke erabatekoak izan, definizioz; kontua da saltsan ibiltzea, kazetariei buruz esaten denaren antzera: ahal den gehienean ibili, ez baitakizu gero zer baliatuko duzun. Jakina, itzulpen literarioaz ari naiz batez ere; administrazioko itzultzaileen kasuan beste baldintza batzuk dira. Haiek eduki behar dute pazientzia eta etsipena.
Itzultzailea naizela esatean, jendeak galdetzen dit ea zenbat hizkuntza dakizkidan, baina jardunean ikasi dut norbere hizkuntza landu behar dela jatorrizkoa baino gehiago.
"Hik hitz egingo dek ingelesa!" esaten didatenean, probokatzeko erantzun ohi diet ez naizela gauza elkarrizketa arrunt batetik gora joateko. Gauza ezberdinak dira. Zuk esan duzun hori da ibili den guztiaren esperientzia. Jatorrizkoaren arazoak dokumentazioarekin konpon daitezke. Idazlea bizirik baldin badago, berari edo beste natibo bati galde dakioke, eta hilda badago eta zer edo zer bada, aparatu kritikoa egoten da, zer esanik ez Shakespeare itzultzen ari bazara: lerro bakoitzari buruz dauzkazu ehun liburu.
Gauza gehienetan bezala, intuizioa eduki behar da, sena, eta jakin behar duzu zer den literatura, zer den generoa eta zer egiten ari den idazlea. Ipuin bat baldin bada, jakin behar duzu zer den ipuin bat, eta ikusten baduzu gauza bat, zeuk zentzurik bilatzen ez diozuna, ez etsi hiztegiak dioenarekin. Gero hori dena konpentsatu daiteke denborarekin. Niri hori gertatu zait: zenbat eta gutxiago menderatu hizkuntza, orduan eta denbora gehiago eskaini diot lanari, eta hori ez dator batere gaizki. Borgesek ere esaten zuen, itzuliz ikasi zuela alemana. Ni eskola horretakoa naiz, ez alemana ikasi eta gero itzultzen hasi, baizik eta arian-arian jardun.
Argazkia: Dani Blanco.
Lehen adibide kurioso bat aipatu didazu, kontu hau dela-eta…
Bai, badago itzultzaile bat AEBetan, izugarri famatu zutena alemanetik egindako poesia-itzulpen batzuengatik: eman zizkioten sariak, kritikariek txaloak jo... Handik urte batzuetara, Txinako poemen antologia bat itzuli zuen, eta kritikari haietako batek esan zuen oso nabarmena zela itzultzaileak ez zuela jatorrizko hizkuntza ezagutzen. Itzultzaileak, orduan, adierazi zuen alemanez ere ez zekiela.
Azkenean, literatura itzultzen ari baldin bazara, zuk eman behar diozu bezeroari atseginez irakurriko duen eta interesgarri egingo zaion testu bat. Hura konforme gelditzen bada, zuk zeure lana bete duzu. Zer edo zer aldatu baduzu, bada agian hobetu egin duzu. Zertarako argitaratzen da literatur testu bat? Erabiltzeko, ezta? Gero, jakina, fideltasunari eutsi behar zaio ahal den gehiena, baina gakoa beste hori da.
Beraz, helburu hizkuntzan funtzionatzen duen testu bat emateko, nola landu behar du itzultzaileak bere hizkuntza eta testua bera?
Teknikoki landu behar duzu zeure hizkuntza, gimnasia egin, aztertu zer modutara esan daitezkeen gauzak. Euskararen kasuan bereziki egin behar duzu hori guztia, derrigor aldatu beharko baituzu dexente. Eduki behar duzu almazena ondo beteta eta errepertorio nahiko zabal bat, gero baliatzeko, eta itzultzen hasi aurretik egin behar duzu hori guztia, itzultzen ari zarela ezin zara, bat-batean hasi dokumentatzen edo Axular irakurtzen. Jatorrizko hizkuntza ezagutu egin behar duzu, bai, baina zeurea eduki behar duzu zabal, malgu eta presente. Kontua ez baita jakitea, baizik eta etortzea, lotura ebidentea ez denean ere.
Azken gaitasun berezi bat da beste eskizofrenia moduko hori: lehenik, itzulgaian sartu behar duzu erabat, hari tripak atera eta hartaz jabetu, idatzi duenak baino hobeto ulertu, eta, gero, ahaztu egin behar duzu erabat, eta existituko ez balitz bezala egin.
Azken urteotan, hainbat ikastaro eman dituzu, testu formalak idazten dituztenentzat (itzultzaileak, irakasleak…). Neuri harrigarria egiten zait zenbat kostatzen zaion euskaraz ederto moldatzen den jende askori testu natural eta irakurterraz bat idaztea.
Bi gaitasun dira. Ahozkoaren oinarria ez daukanak ezin du ondo idatzi, baina hemen mitifikatuta dago ahozko hori. Hortik dator dena, noski, zeren batzuek kontrako problema dute, uste dute hizkuntza idatziz jaio zela, eta gero batzuetan ahoskatu egiten dela. Hori ere kendu beharra dago burutik. Idaztea artifiziala da, Platonek berak zioen idatziak ez zuela balio bizirik gabe. Horrexegatik landu behar da gehiago, teknika bat delako eta bere logika duelako.
Hurbilago ibili behar dutela ahozkoak edo idatziak? Dudarik ez. Ez dut uste gehiago urrundu behar dutenik, baina diskurtsoak eurak ezberdinak dira.
Baina ahozkoa ezin liteke abiapuntu gisa baliatu?
Beste gauza bat esango dut: idazteak, ondo idazteak eta idatzia asko lantzeak traba egiten dio ahozkoari. Traba-edo… Magnetofoia asmatu zenean izugarri eskastu zen gure memoria, ezta? Ba berdin. Telebistan agertzen direnez dakit nongo nekazari erdi-analfabetoak, horiexek izaten dira hiztunik onenak: hori da hori hitz egitea! Besterik ez dakizunean, harekin moldatu behar duzu. Hori da zure mundu guztia. Zentzu horretan, kondenatuta gaude, baina beste aukera zer da, idatzia bazter uztea? Hizkuntza guztiak aldatu dira, eta zurrundu eta eskematizatu, idatzira pasatu direnean.
Ahozko jatorrenari eutsi eta idatziari kasurik egin nahi ez dion jende askori gertatu zaio, gai tekniko bati buruz idatzi nahi izan duela, eta ez dela kapaz izan, nahiz eta gaia ondo ezagutu. Eta, orduan, zein da euskaldun horren euskara batua? Erdara. | news |
argia-591f985983a4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/d-eredua-ezarri-zuten-anderenoak.html | Karrantza euskalduntzen egindako lanari aitortza | Miel Anjel Elustondo | 2017-07-23 00:00:00 | Karrantza euskalduntzen egindako lanari aitortza
Karrantza Naturala elkartearen sarien aurtengo edizioak bertako Kontxako eskolan D ereduari sarrera egin zioten andereñoak –Tere Ahedo margolariarekin batera– omendu zituen. Urtarrilean egin zen ekitaldia, eta egun hartako afixak hiru andereñoren izenak zekartzan: Delia Negrete, Maibe San Nicolas eta Rosa Maria Garde, nahiz horien ondoan "eta beste andereño batzuk" eransten zuen, guztiek batera, edo bateratsu, egindako ahalegina indartu guran.
"Hiru andereño horiekin batera baziren beste batzuk liberatuta zeudenak, euskara ikasten, hain zuzen", esan digu Mari Kruz Pardok, Kontxako eskolan D eredua ezarri zen garaian gurasoen taldeko ama ekina zenak.
'La señorita de vascuence'
Jakin dugunez, aspaldixko hila da Delia Negrete, eta erretretan sartua, berriz, Rosa Maria Garde. Maibe San Nicolas dugu omenduen hirukoitza hartatik Kontxako eskolan lanean irauten duen bakarra. Eta, astiro-astiro, kontatzen hasi da andereñoa, barru-barrutik: "Ni 1989an heldu nintzen Karrantzara, Bilboko Santutxutik, euskarazko irakasle espezifiko. Aurretik, ikasturte bat Otxarkoagan eta hiru Burtzeñan eginda nengoen". Euskarazko irakasle espezifiko izateak esan gura du A ereduko eskolan euskara irakastera bidali zuela Eusko Jaurlaritzaren Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzak Maibe San Nicolas Karrantzako Kontxara. "Bertoko eskola osoa zen A eredukoa sasoi hartan. Nik esan beharko banu, eskolako giroa berezi xamarra zen; niri halaxe iruditzen zitzaidan, behintzat, zeren ni ikastolan ikasia nintzen, Bilboko Santutxutik nentorren, eta euskararekiko zenbait jarrera ez nituen oso ondo ulertzen, sekula ez nituen ulertu Otxarkoagan, ez Burtzeñan. Ez da kontatzekoa, baina irakasle batek egunero bere gelan sartzen nintzenean, ' Saludad a la señorita de vascuence ' esaten zuen". Maibe San Nicolasek esatera, hala ere, beste eskola askotan ez bezala, ikasleen eta gurasoen jarrera, oro har, ona zen Kontxako eskolan.
Andereñoak, eta gurasoak
Andereñoak ez ezik, gurasoak ere baziren: Mari Kruz Pardo, esaterako. "Lehenengo, B eredu indartua ezarri zen eskolaurrean, eta haur haiek Oinarrizko Heziketa Orokorreko lehen mailara iritsi zirenean, 1993-1994 izango zen urtea, D eredua abiarazi zen. Gurasook ez genuen nahi guri gertatu zaiguna gure haurrei gertatzerik, euskaraz ez ikastea, baina nahiarekin batera bazen ezina ere, ezezagunari zaion beldurra. Gogoratzen naiz zenbait gurasok esaten zutela: 'Ezin izango diogu gure umeari etxean lagundu'. Baina argudio horrek ez du askorik balio, zeren adin batez gero, seme-alabek iristen dute halako maila bat non gurasoen jakituria gainditzen baitute".
Maibe San Nicolasek ez daki zenbat ume eta irakasle zeuden Kontxako eskolara joan zenean, bi lerro zeudela besterik. "Orain lerro bakarra dugu, abeltzaintzak izan dituen bateko eta besteko krisialdiek Karrantzako biztanleria urritzea ekarri dutelako. Orain baino askoz ikasle gehiago ziren orduan gure eskolan, A ereduan eskolatuak denak". Denbora aurrera, bakantzen hasi ziren ikasleak A ereduan eta horrek gelak batzea ekarri zuen, eta B eredua aitzinatzea.
Argazkian Maibe San Nicolas irakaslea Korrika egunean Kontxa eskolako ikasleekin. 1989an heldu zen eskola horretara eta A ereduan euskara ikasgaia ematen hasi zen. Argazkia: Kontxa eskolak utzia.
Irakasleen enplegua
1993-1994an, B eredua zabaltzeak A ereduko irakasleak soberan gertatzea eragin zuen, nahiz eta legez B ereduko tutore izan zitezkeen. Orduantxe arazoak! "Irakasle euskaldunoi eta guraso interesatuei A ereduko irakasleak B ereduko geletako tutore izatea atzerapausoa zela iruditzen zitzaigun. A ereduko irakasle batzuk herri bertakoak ziren, edota hainbat urte zeramatzaten Kontxako eskolan. Ez zuten euskaldun ereduen beharra ikusten Karrantzan, edo guztiz kontra zeuden. Eztabaida sortu zen, askotan diskusio oso gogorrak izan genituen, Euskal Herriko ehunka eskolatan bezala". Mari Kruz Pardok ere gogoratzen du garai kalapitaz bete hura. "Irakasleen artean gorabeheraren bat izan zela esango nuke, batak hona joan beharra izan zuen, besteren batek hara. Gurasoen artean ere baten batek umeak hartu eta eskola pribatura eraman zituen, hemendik 30 kilometrora. Azkenean, gero eta guraso gutxiagok aukeratu zuen A eredua, eta kito eredu hura".
Eztabaidak izan arren, aurrera egin zuen euskarazko ereduak Kontxan. Maibe San Nicolas irakaslea oroit da: "B ereduan erabiltzen ziren ikuspegi eta metodologia berriek ere eragina izan zuten, eta gurasoak pozik zeuden egindako lanarekin. Prestakuntza saioak eta proiektuak egiten genituen, Segurako aterpetxera joaten hasi ginen, eta hurrengoan gurasoek bi ereduak aukeran izan zituztenean haurrak matrikulatzeko garaian, D ereduaren aldeko hautua egin zuten gehienek".
Eskolak D eredura egin zuen, metodologia aldaketarekin batera. Maibe San Nicolasek dioenez, "ordu arte ez bezalako modeloak aztertu genituen, material egokiak sortzen hasi ginen, eta lan eta lan egin genuen. Baina gazteak ginen! Bereziki, gogo onez gogoratzen ditut Karrantzara goaz izeneko proiektua eta Segurako barnetegian egin genituen egonaldiak".
Mari Kruz Pardo, gurasoa:
"Gurasoen artean ere baten batek umeak hartu eta eskola pribatura eraman zituen, hemendik 30 kilometrora. Azkenean, gero eta guraso gutxiagok aukeratu zuen A eredua, eta kito eredu hura". Argazkia: Zaldi Ero.
Delia Negrete gogoan
Delia Negrete, Rosa Maria Garde, Maibe San Nicolas. Hiru izen, hainbat irakasleren artean. Mari Kruz Pardok azaldu digu: "Hiru horiek Karrantzan egin zuten lan, kasik beti. Delia bertakoa zen, Rosak 30 urte baino gehiago egin zituen hemen, eta Maibe, berriz, lanean da oraindik". Horregatik izendatu zituzten hirurok. Maibe San Nicolasena da oharra: "Delia karrantzarra zen sortzez, euskara ikasi zuen eta izugarrizko lana egin zuen herrian zein eskolan euskararen alde. Saria jaso genuen egunean Olentzeroren irudia jarri zuten Deliaren omenez, herriko lehen olentzeroa atera zuten garaia gogoratzeko. Korrika txikia antolatzen bihotza jartzen zuen Deliak, eta Korrika Karrantzatik atera zen edizioan ere buru-belarri lan egin zuen. Eskolan, andereño eta ama izan zen aldi berean, eta oso argi izan zuen bere seme-alabentzat nahi zuena… Saria eman digute, baina uste dut egin beharrekoa egin genuela, gure gurasoek nirekin egin zutena. Ekitaldia, berriz, oso hunkigarria izan zen, askok negar egin genuen Delia gogoratuz. Hiru ikasle ohik egin zuten gure aurkezpena, eta benetan harro sentitu nintzen". Jaio dira berriak, beste behin. Beti jaioko dira berriak. | news |
argia-2e52fa417ed4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/piperminari-beroarena-kendu.html | Piperminari beroarena kendu | Jakoba Errekondo | 2017-07-23 00:00:00 | Piperminari beroarena kendu
Ezagutzen den piperrik minena (Capsicum annuum), beroena sortu omen du Tom Smithek. Gizaseme hori landare muintegi bateko jabea da Galesen. Britainia Handian, hemen ez bezala, landareak sortzeko grina berezia dute, baita lan hori saritzeko lehiaketa, txapelketa, zeingehiagoka eta xapelgo ere.
Gure Tomek piper landare bereziki polita munduratu nahi zuela esan du, dotoreziaren bila ari zela, eta, nahi gabe, zorioneko ezustekoz, inoiz ezagutu den piperrik minena sortu du. Ahosabairik ausartena ere sorgortuko lukeen piperra. Beroarena kendu beharko zaio Tomek dioenari. Buru-belarri-sudur, lortu duen horren bila aritu dela apustu egingo nuke. Piper polit batek ez lizkioke, sekula, munduko piperrik beroenak ekarri dizkion sona eta sosa ekarriko.
Azaldu orduko izena jarria du piperrak: Dragon's Breath , herensugearen hatsa. Ez da jateko modukoa, 2,48 milioi SHU ditu. Ordura arte ezagutzen zen piper minenak 2,2 SHU ditu. SHU Scoville Heat Unit da, 1912an Wilbur Scoville farmazialariak piperren mina neurtzeko asmatu zuen eskala. Piper bakoitzak duen kapsizina maila adierazten du neurri horrek. Kapsizina hori da ahosabaia erretzen digun piperren osagai kimikoa. Piperraren estraktua ateratzen da, eta ur gozotan urtzen da, proportzioan minik ez nabarmentzeko zenbat uretan nahastu behar den azaltzen du. Hau da, piper bat 1.000 SHUkoa baldin bada, piper neurri baterako mila neurri ur gozo behar dira ez igartzeraino urtzeko. Dragon's Breath 2,48 milioi SHUkoa da. Kapsizinak berak, hutsik, hamasei milioi SHU ditu. Konparazio baterako, gure sukaldaritzan minetan minena dugun kaiena piperrak 30.000 SHU ditu. Tokitan geratzen da! Tomen piper berria ehun aldiz minagoa da.
Gure baratzeko piperminak Capsicum annuum var. Usurbilensis hasi dira fruitua eman eta eman. Gori hezeek jarraitzen duten artean gozoak izango dira, baina bero lehorrak etortzen direnean hasiko dira ahosabaiarentzat komeriak. Eta komeria gustuko! | news |
argia-57d7c849da63 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/manu-muniategiandikoetxea.html | Norbera izatearen jolasa | Xabier Gantzarain | 2017-07-23 00:00:00 | Norbera izatearen jolasa
Pintoretzat du bere burua: "Pintorea naiz edo, behintzat, pintorearen ikuspuntuarekin egiten dut lan. Ikusteko modu batez ari naiz, eta hori ez da inoiz aldatzen, nahiz eta beste diziplina batzuetan aritu. Nik gauza ezberdinak egin ditzaket, baina ikuspuntua beti da berdina". Alta, egin izan ditu, egiten ditu eskulturak ere, eta azken aldian bien tarteko lan hauekin dabil Manu Muniategiandikoetxea Markiegi (Bergara, 1966).
Institututik korrika joaten zela pintatzera, kontatzen du, gurasoek ez ziotela ordurik jartzen estudioan baldin bazegoen. Zekiena desikasteko balio izan ziola karrerak, Arte Ederrak ikasteak. Gero Artelekun egin zituen urte batzuk, 90eko hamarkadaren hasieran, ikasten, tailerretan, pintatzen, liburutegian: katalogo guztiak begiratzen zituen, berriak noiz iritsiko egoten zen.
Handik erakusketak egitera pasa zen, galerietara. 2000. urtean jaso zuen Gure Artea saria. 2004an Ni ez naiz hemengoa erakusketa jarri zuen Rekalde aretoan, Chus Martinez komisario zela. Trebea da erakusketen izenburuak jartzen. 2007an liburu bitxi bezain zoragarria atera zuen, Harkaitz Canoren testuekin: Naufragoentzako instrukzioak .
"Beste izatea. Hori da Manu Muniategiandikoetxea artistaren jolasa, eta horretan aritzen da Astigarragako estudioan. Kaos moduko baten erdian aritzen da beste artista batzuen lanak ikertzen, haien azalean sartzen eta haien lanak bere egiten". Sarrera hori idatzi zion Iñigo Astizek 2011n Berria n egindako elkarrizketan . Alexander Rodtxenkoren lanarekin ibili da liluratuta, Bruce Naumanenarekin, Martin Kippenbergerrenarekin. Hala zioen artistak: "Batzuetan ez dakizu non bukatzen den bestearen obra, eta non hasi zurea. Muga horretan liberatu egin nintzen. Ni bestea naiz".
Bestea(k) izanez da bera. Ez dago beste modurik norbera izateko. | news |
argia-6b66ddef38b9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/diru-publikoa-kudeatu-eta-kontrolatzea.html | Diru publikoa kudeatu eta kontrolatzea | Juan Mari Arregi | 2017-07-23 00:00:00 | Diru publikoa kudeatu eta kontrolatzea
Zenbait euskal enpresa egoera larrian dago (CNA-Fagor, Xey, GE, CEL, La Naval…) eta ehunka lanpostu desagertzeko arriskuan.
Horrek prentsako azal eta izenburuak bereganatu ditu. Enpresa horietako askotan Eusko Jaurlaritzak dirua jarri du finantzaziorako, eta akziodun ere bada. Jaurlaritzako arduradunen jarrerak harridura sortu du, batez ere Industria sailburu Arantxa Tapiarenak. Albiste txar zaparradaren aurrean eta enpresen itxiera iragarpenak etengabe datozenean, kexu da ez zaiolako horretaz informatu, ordainketa-eteteen berri prentsatik jakin duela dio eta zenbait inbertitzailek ihes egin dutela.
Nola da posible egoera hori, zenbait kasutan gobernua bera baldin bada krisian dauden enpresa horien jabea? Arrazoizko azalpen bakarra da Jaurlaritzak enpresa jakin batzuk finantzatu dituela, akzionista izatera igaro dela, fiskalitatean mesedeak egin dizkiela zergak gutxituz eta ez duela haien kudeaketa gertutik jarraitu. Era berean, badirudi enpresa horietan diru publikoa jarri duela benetako bideragarritasun plan baten bermerik izan gabe eta ez diela euskal jendartearen zerbitzura geratzeko konpromisorik exijitu.
Egiazko industria politika batek, sektore estrategikoak momentu oro ongi aukeratzeaz gain, inbertitu den diru publikoaren kontrol zorrotza behar du. Gestioa etengabe gainbegiratu behar da, desagertzeko edo uzteko unea iristen denean, botere publikoek ez dezaten esan ez direla enteratu edo "inbertitzaileek ihes egin" dutela, aipatu dugun kasuren batean gertatu den bezala. Tapia sailburuak hobe luke hainbeste propaganda egin beharrean gehiago arduratuko balitz industrian erabiltzen den diru publikoa kontrolatu eta gestionatzeaz. | news |
argia-4535194f6909 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/martxel-mariskal.html | "Beldurra diogu aspertzeari, ez dugulako nahi gure barrura begiratu" | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2017-07-23 00:00:00 | "Beldurra diogu aspertzeari, ez dugulako nahi gure barrura begiratu"
Hondarribiko Blagan euskara elkarteak antolatuta, ekainaren 7an Martxel Mariskalek Azken zakatzak poema liburua aurkeztu zuen herriko kultur etxean eta aretoa leporaino bete zen. Berezia izan zen egun hura: hitz egin genuen Susaren eskutik publikatu duen lanaz, baita musikaz eta bizi dugun egoera sozialaz ere. Eta asko eskertu genion ahalegina Mariskali, ia bi orduz aritu baitzen hizketan, aspaldiko urteetan bere bizitza baldintzatu duen gaixotasunari aurre eginez. Egun hartan grabatu genuenaren ebaki batzuk dira jarraian eskaintzen dizkizugunak.
Ikusmina piztu du liburu honek iragarri zenetik, poesiazaleen ohiko publikoa gainditu duela ere esango nuke. Nola bizi duzu harrera hori?
Ez dut euskal literaturan halako ibilbide bat, urteak dira lehen eleberria argitaratu nuela eta martxan nituen beste bi, baina zoritxarrez gaixotasun baten eraginez hantxe gelditu dira etxean. 2003ko azaroaz geroztik oinaze neuropatikoak ditut. Orain beste etapa batean nago baina oraindik nire bizi-kalitatea oso eskasa eta mugatua da. Ez dut inolako ekoizpenik lotu ahal izan urte hauetan, nahi bai, baina ezin. Beraz, zaila egiten zait neurtzea: merkatutekniaz ez dakit, eta ez dut jakin nahi; baina oso pozgarria da sentitzea jakin-min hori egon dela.
Zer izan da Azken zakatzak idaztea?
Sendagilearekin beste etapa batean gaude eta lema da limiteak eta mugak areagotzea, nahiz eta paretaren kontra jo. Borroka horretan, erronka izan da idaztea, baina plazera ere bai, noski. Nire buruarekin exigentea izan naiz beti eta ez nago prest edozer gauza argitaratzeko. Nire helburua zen idaztea eta nire buruari esatea "merezi du, saiatuko naiz kaleratzen".
Liburu osoa zeharkatzen du daukazun gaitzak eta eragiten dizun oinazeak. Pentsatzen dut ezinbestekoa zela hori agertzea.
"Ez zait gustatzen literatura panfletarioa, horrelakoak idazteko beste testu mota batzuk behar ditugu"
Beti bereizten dut gauza bat dela gaixotasuna eta bestea oinazea. Badira pertsonak gaixorik daudenak eta ez dira enteratzen, zoritxarrez, berandu den arte. Okerrena oinazea da. Oinazea dagoenean ez da besterik existitzen. Norbaitek oinazearen esperientzia eduki izan badu, eta ez momentu bateko haginetako mina edo txikitako belarritako mina, segur aski gogoratuko duena; baizik eta denboran luzatzen den oinazea: hori oso esperientzia bitala da, oso talka gogorra, eta pertsona bezala lan handia egin beharra dago. Edo amore ematen duzu eta horren ondorioz beste gaitz mota batzuk etortzen dira, oso ilunak eta zama handikoak; edo borrokatzen jarraitzen duzu. Nik zorionez baditut arrazoiak borrokan jarraitzeko, oso ondo inguratuta nago eta gauzak egin nahi ditut, aurrera begiratu. Poemetako batean esaten da: "Bizitza aurreraka egiten da". Pentsamendu hori askotan daukat, hemendik ateratzen garenean bizitzak jarraitzen du edo hasten da.
Poema hauek osatzeko "arrantzan" aritu zarela esan zenuen aurkezpenean. Irakurtzean iruditu zait oso bisualak direla eta fragmentatuak. Bilatu duzun zerbait izan da?
Dena bilatuta dago, kasualitatez ez dago ezer, kontzienteki egindako lana da. Kolpeka bezala jokatzen dut: ez zait gustatzen literatura panfletarioa, panfletoak eta dogmak idazteko beste testu batzuk behar ditugu –eta beharrezkoak dira, noski; baina ez poesian, nik ulertzen dudan bezala behintzat–. Ez dut poesia ulertzen zerbait erromantikoa bezala ere, lan sakona dela uste dut, non norbera bere buruarekin hizketan ari den, eta era berean gizartearekin. Lan horretan, eguneroko pragmatismo linguistiko honetatik haratago, zure burua beste toki batean kokatzen duzu.
Kantak egiten nituenean Xabirekin [parean eserita dagoen Xabi Lopez seinalatu du, Beti Mugan taldeko kidea] eta beste Xabirekin [ezkerrera daukan Xabi Strubelli egin dio keinua, Dut eta Zura taldeetako kidea] gustatzen zitzaidan hitzekin jolastea, ez jolas hutsarengatik, irudiak sortzeko baizik, hitzen artean talkak eginez, adjektiboak ez dagozkien substantiboekin jarriz, adibidez; horrek badu bere indarra, nik horretan sinesten dut. Gauzak zuzenean esaten dizkizutenean, adibidez euskal rockean –"polizia gaiztoa da", "askatasuna behar dugu" eta horrelakoak–, edo kanta erromantikoetan, lerroa bukatu aurretik badakizu zer esango duten, aurreratzen zara. Poesia bera erronka da alde horretatik.
Aurreikusteko erraza ez den zerbait egitea.
Hori da. Anekdota bat etorri zait honekin lotuta: Beti Muganekin lehenengo disko luzea egin genuenean, irratian elkarrizketa egin ziguten. Disko horretako Denbora geldian kantuan bada momentu bat esaten dena "marrazki bizidunak aztertzen gauero". Norbaitek deitu zuen galdezka, esplikatzeko zer esan nahi zuen horrek. Nik ez dut hori esplikatu beharrik, bere testuinguruan, horrek badu indar bat; norbait bere buruari galdezka gelditu bada, hor egon da efektu bat. Poesian ere misterio puntu hori mantendu behar dela uste dut, bestela ez gara iristen beste plano batzuetara.
Argazkia: Dani Blanco.
Nola sortzen dira zure testuetan hain indartsuak diren irudi horiek?
Etorri egiten zaizkit eta badut joera etorri bezala idazteko. Formakuntzagatik eta nire ibilbideagatik, ingelesa oso tresna egokia iruditzen zait bat-bateko gauzak idazterakoan, orduan, askotan egiten dut porrusalda bat: euskaraz hasten naiz, jarraitzen dut ingelesez, gero gaztelaniaz… Baditut halako zirriborroak. Eta gero konturatzen naiz zer den benetan mamia. Bigarren txanda batean hasten naiz serioki lantzen, baina irudiak dagoeneko hor daude eta normalean, irudi potenteenak bat bateko horretan ateratzen dira. Gero, idazle batek jakin behar du egiten duen guztiak ez duela merezi, baina egiten duzun guztiak bai balio duela nonbaitera iristeko.
Kontraste ugari dago Azken zakatzak -en: arrantzale hizkera alde batean, skate park-ak eta kamiseta bustien lehiaketak bestean.
"Haurrak helduegiak dira eta helduak haurregiak telebistaren eraginez, eta mundu digitala iritsi denetik"
Nire burua beti ikusi izan dut bi mundutan, txikitatik. Auzoko guztiak ginen arrantzale familiakoak, nire kintako gehienen aitak, nirea bezala, patroiak; gure etxean eta lagunekin bazen hizkuntza mota bat. Eta lagun hauek guztiak joan ziren eskola nazionaletara. Ni aldiz, nire gurasoek horren alde apustua egin zutelako, ikastolara. Horretaz oso kontziente nintzen, ikastolara joaten nintzen eta kultura bat jasotzen nuen, euskaraz hitz egiteko modu bat, nire auzokoen hizkeraren oso desberdina zena. Nire formakuntzan haratago joan da bi munduen kontu hau: aukera izan nuen AEBetara joateko Soziologia ikastera, lau urte egin nituen han, bigarren etapa batean lanera joan nintzen Bostonera… Ez da teoria kontua, hor ateratzen diren gaiak zuzenean bizi izan ditut. Adibidez, Miamira joan eta bat-batean halako areto batean ikustea nesken kamiseta bustien lehiaketa. 1985ean Hondarribiko mutil batentzat hori ikustea zen… "zer da hau?". Horregatik daude liburuan keinu batzuk, zeren nik barnean neraman 15 urterekin atunetara joatea, auzo konkretu batekoa izatea, herri konkretu batekoa… Zenbat bider esaten nion nire buruari: "Koadrilakoei deitzen badiet flipatu behar dute". Beste gizarte bat ikusten nuen.
Baina AEBak oso modu familiarrean agertzen dira, ez dituzu ezagunak zaizkigun ikono kulturalak erabili.
Aipatzen ditut momentu batzuetan Fellini edo "kantautore sasi-dylaniarrak" eta tentazio handia dut Bob Dylani buruz gauzak esateko, niretzat betidanik izan delako berezia. Gaztetan anaiak Tarantula ekarri zuen, Dylanen poema liburua; eta pasa nuen arratsalde oso bat Jaizkibelgo paradorea zegoen azpiko arroketan irakurtzen. Mundu berri bat aurkitzea bezala izan zen. Baina ez nuen hori gehiegi sartu nahi, gehiago aritu naiz esperientzia pertsonaletatik abiatuta.
Haurtzaroarekin konektatzeko gogoa ere antzematen da, baina infantilismorik gabe.
Nire kezketako bat hori da gaur egungo bizimoduan. Denok dakigu paradigma historikoa aldatu dela. Lehen gauzak oso garbi zeuden, oso zurruna zen dena. Orain lanaren eta familiaren kontzeptua aldatu dira, eta horiekin batera dogmatismo batzuk ere bai. Trantsizio horretan pertsona dezente galduta dabiltza, edo, gabiltza. Neil Postmanek bazuen liburu oso interesgarri bat: Haurtzaroaren desagerpena . Bertan esaten zuenez, Erdi Aroan ez zen bereizten haurren eta helduen munduen artean. Zazpi urteak bete arte oraindik umeak ziren, baina hortik aurrera gai ziren helduak bezala hitz egiteko, lengoaiaz jabetzen ziren eta ordutik aurrera heldu bihurtzen ziren. Ez zegoen arroparik eta jokorik haurrentzat, janzten ziren eta hitz egiten zuten helduak bezala eta ez zegoen eskolarik haurrentzat. Gero, inprentaren garaian, helduak hasi ziren edukitzen arma bat txikiengandik babesteko beren sekretuak eta desioak, heldutasun hori: alfabetatua ez bazinen ez zenuen horretara iristerik. Eta horrekin batera sortu ziren eskolak, haurrentzat jokoak, arropak… Hor hasi ziren bereizten haurren eta helduen munduak. Baina 1950eko hamarkadan telebistak eztanda egin zuenean, berriro ezabatu zen banaketa hori: edozein haurrek badu orduz geroztik helduen mundurako leiho bat zabalik, horrek dituen ondorio guztiekin. Nire ustetan ondorio kaltegarriak hein handi batean, zeren ez gara uzten ari haurrei behar bezala garatzen. Zer esanik ez mundu digitala iritsi denetik. Horregatik aipatzen dut poemetako batean, haurrak helduegiak direla eta helduak haurregiak.
"Sortzen dugun eta elkarren artean trukatzen dugun horretan aurkitzen dugu gure izatearen arrazoia"
Behin eta berriro ikusiko dituzun pelikuletako posterrak poeman ere bizi dugun gizartearen gabeziak seinalatzen dituzu. Artifizio gehiegirekin bizi gara?
Oso garai interesgarrian bizi gara eta kristoren zortea dugu, hainbeste kontu interesgarri daude, halako potentziala dago eremu askotan… Guzti hori ondo erabiliz gero, noski. Baina zoritxarrez, "ongizatearen gizartea"-k hori gainditzen du. Izen horrekin oso polita dirudi, baina sekulako tranpa da: nahikoa badugu lanarekin, familiarekin, eta nekearen ordez nahi duguna da entretenimendu bat; esperientzia guztiak horretara bideratuta daude. Eta ondo dago, beharrezkoa da katarsia, baina horretan bakarrik geratzen bagara –eta gertatzen ari da–, orduan gure nortasuna, gurea bezalako komunitateena… Etorkizuna ez dago idatzita, baina… Gu zer izango gara biharko egunean, turista elitista batzuentzat halako paradisu txiki bat? Arriskua hor dago, adibidez. Folklorismo hutsean geratuko gara? Kezka horiek guztiak baditut, eta hausnarketa horiek orain egin behar ditugu, zeren gure atzetik badago gaztedi bat oso-oso potentea. Kontzienteak izan behar gara, baina ez dut diskurtso ezkor bat mantendu nahi: alde on asko ikusten ditut, baina horretarako entretenimenduaz gain, jarrera kontzienteak landu behar ditugu.
Zer ekartzen du literaturak eta poesiak alde horretatik?
Etendura bat gaur egungo martxan. Bizi garen erritmoa bera tranpa bihurtzen da, sekulako beldurra diogu aspertzeari eta esanguratsua da. Aspertzen bagara, normalean izaten da gure barrura begiratu nahi ez dugulako. Isiltasun une bat dagoenean derrigorrez zurekin topo egiten duzu eta agian ez zaizu gustatzen ikusten duzuna; orduan, estali egiten duzu entretenimenduarekin. Ez dut uste ez poesian eta ez literaturan egi borobilak azaldu behar direnik, "hau polita da, hau itsusia; hau ongi dago eta hau ez"… Baina bai akuilua izan behar duela. Diskurtso hegemonikoa zein den badakigu, beraz literaturak, bai egilearen aldetik, bai irakurlearen aldetik, apustu pertsonala izan behar du: "Hau da nire eskaintza txikia". Sare humano honetan artelanak eta sormen lanak ezinbestekoak dira. Bestela bizi gara oso gizarte pragmatikoan. Hezkuntzatik hasita, zer den baliagarria bakarrik neurtzen dugu, baina gizakia askoz gehiago da, utilitarismo eta kontsumismo horretatik haratago: sortzen eta elkarren artean trukatzen dugun horretan aurkitzen dugu benetan gure izatearen arrazoia. | news |
argia-6667b2ce575c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/jadav-molai-payeng-zuhaitzak-benetan-landatzen-zituen-gizona.html | Jadav 'Molai' Payeng, zuhaitzak benetan landatzen zituen gizona | Pello Zubiria Kamino | 2017-07-23 00:00:00 | Jadav 'Molai' Payeng, zuhaitzak benetan landatzen zituen gizona
Berrogei urtean lortu du 550 hektareako oihana sortzea Indian Brahmaputra ibai bazterrean basamortu bihurtutako lurretan, higadurari eta desertifikazioari aurre egin dakiokeela erakusten duen eredu bilakatuz. Baina abere basatien kalteak nozitzen dituzten bizilagunei ere egin behar die aurre, eta zer esanik ez inguruan eraikitzen ari diren urtegi handi baten mehatxuari.
Jean Gionoren Zuhaitzak landatzen zituen gizona liburuan Frantziako Proventzan Elzéard Bouffier artzain alargun familia gabeak –seme bakarra gazterik hil zitzaion– zibilizazioari ihes egin eta bakartasunean zuhaitzak ereitea erabakiko du, bere sorterria arbola faltaz hiltzen ari delakoan. Egunero ehun ezkur edo bestelako hazi ereingo du, horien hamarretik bakarra erneko dela jakinik, baina berrogei urtez segidan. Gionok kontatzen du nolako basamortua ezagutu zuen parajeotan eta nolako oihana topatu urte batzuk geroago, Lehen Mundu Gerrako guduetatik itzulitakoan: idorteak ihartutako parajea zuhaitzez beteta zegoen, iturri eta errekak, klase guztietako hegazti eta bestelako ehizak saldoan.
Irakurleari, gero, etsigarri zaio jakitea Elzéard Bouffier artzainik ez dela izan, Jean Gionok fikzioan sortu zuela eta hark ereindako oihanik Probentzan ez genuela sekula ikusiko. Parabolak ederrak direla jakin arren, benetan liluragarriak eredu biziak direla uste dugunontzako dator Indiako Forest Man en istorioa, egiazkoa, xumea eta uda honetarako iragartzen zaizkigun albiste katastrofikoen artean itxaropen izpi bat pizteko modukoa.
2007an Indiako Assam estatuko Prantik aldizkarian natur gaiak lantzen zituen Jitu Kalita kazetaria Brahmaputra ibaiko landare eta abereen argazkiak egiten zebilen, lekuko aitona batek esan zionean inguru hartan bazela oihan bereziki eder bat Aruna uhartean. Kalita biharamun goizean joan zen Molai izeneko baso hura ezagutu asmoz.
Oihanean dozena erdi bat kilometro barnatua zenean, gizon haserretu bat azaldu zitzaion handik alde egin zezala aginduz garrasika. Baserritar ezezagun hari etxeraino jarraituta, bere bizitzako erreportajearen protagonista ezagutuko zuen Kalitak: bere eskuz eta inoren laguntzarik gabe oihan berri bat sortzeko gai izan den Jadav Molai Payeng.
Brahmaputra ibaiko Majuli uhartean, jendeak gaur Molai oihana (Assameko hizkuntzan Mulai Kathoni ) deitzen diona Jadav Payengek bere eskuz landatu eta zaindu du 38 urtez, 550 hektareako basoa osatu arte. Famatua egin da baso gabetzeak lehenik lehortu eta denborarekin desagertzera kondenatutako uhartean lurrari eustea lortu duelako eta berriro elefante, errinozero eta tigreen babesleku bihurtu delako. Jitu Kalitak ezagutarazi zuen Indian eta 2014an William Douglas McMaster zuzendari kanadarrak aurkeztu munduko zinemaldietan " Forest Man " (Baso gizona) dokumentalarekin.
Mising edo Miris etniakoa da Ipar-ekialdeko Indiako Assam estatuan diren herrietan bigarren handienekoa. 1979an Nekazaritza ministerioak kontratatu zuen beste baserritar asko bezala Majuli uharte handian eta ondoko txikiagoetan 200 hektarea baso landatzeko. Brahmaputra ibaian ainguratua, Majuli da munduko ur gez arteko uharterik handiena. Oraindik 150.000 biztanle inguru dauzkan arren, gaur bere lur eremua apenas den duela ehun urtekoaren laurdena adinakoa, gainerakoa higaduraz Brahmaputrak eraman dio. 1979ko baso berritze planak hori eragozteko ziren, baina bost urte geroago diruak ahituta lanak eten ziren.
Payengek, ordea, lan bila hirira joan ordez herrian baserritar geratu eta landaketan jarraitzea erabaki zuen. Hala egin du ia berrogei urtez. 1958an sortua, Sanctuary Asia aldizkarian Shailendra Yashwantek kontatu duenez "itxaropenik gabeko erromantiko eta iraultzaile ameslaria da, Assameko 80ko hamarkadako beste asko bezala. Baina gehienek klase askotako iraultza armatuak hautatu zituzten bitartean, Payengek erabaki zuen klase askotako zuhaitzak landatzea. [Iraultza]Haiek pixkanaka desagertuz doaz airean, baina Payengen oihanak zutik dirau, Brahmaputra gogorraren urteroko uholdeei eta eten gabeko higadurari aurre eragiten".
Brahmaputra ibarreko oihanetan
Binita emaztearekin eta Sanjay, Sanjiv eta Moonmooni seme-alabekin batera, 50 behi eta bufalo hazten dituzte Kokilamukh herrixkan, inguratzen dituen basoan bazkatuz. Segitzen dute bizitzen Mising jendearen betiko legean, Brahmaputra bazterreko oihanak eskaintzen diena erabiliz, uholdeek urtero eramandakoa berreraikiz. Urte hauetan guztiotan, goizean goiz jaiki eta aziendei jetzitako esnea entregatu diote Jorhat hiriburura eramaten duen esnezaleari. Gosariaren ondoren emaztea etxeko lanetan utzi eta haurrak eskolara bidalita, Jadavek ekiten zion arbola berriak landatu eta ereiteari.
Assam estatuan Brahmaputra ibaiak urtero egiten du gainezka, baina 1979ko uholde hura bereziki izan omen zen larria. Uholdea eta ondoren lehortea, orduan oso gaztea zen Payengek izututa aurkitu zituen zientoka suge erreka bazterretako hondarretan hilda. Herriko zaharrei galdetu zien zer egin zezakeen sugeak hil ez zitezen ("sugeak hiltzen baldin badira, azkenean gu ere hilko gara") eta zaharrek gomendatu banbu kanaberak landatzea, lurrari eutsi eta ingurua heze mantentzeko gai den belar luzea.
Haiek emandako 50 kanabera sustraiak landatuta, gehiago landatzen jarraitu zuen, eta gero gehiago, gelditu gabe, inoren laguntza barik. Laster ohartu zen inguru haiek lehengoratzeko banbuek zerbitzu ona egiten zutela, eta horiekin batera gero eta mota gehiagoko zuhaitzak landatzen hasi zen. Horra nola sortu zen Molairen basoa, Lasarte-Oriako udalerriak adinako eremua hartu duena.
Basoak animaliak erakarri ditu, eta buruhauste berriren bat ere bai. Aspaldiko partez, antzina egiten zuten legez, 2008an elefante talde batek zeharkatu zuen Kokilamukh, milaka urtetako migrazio bidea ostera erabiliz. Payengi etxe zaharra zanpatu zioten, baina honek naturaren itzulera kiroltasunez hartu zuen moduan inguruko herritarrak izugarri haserretu ziren beren soroak hondatuta ikusita: urte luzez zaindutako arbolen hamarretik bat eraitsi edo erre zioten. Zorionez, ordurako Payeng ezaguna zen Indian, ekologia eta iraunkortasuna ahotan darabiltzaten agintariek sariak ere emanak zizkioten, eta bere lagunek lortu zuten inguruko baserritarrak baretzea elefanteek eragindako kalteen ordainak pagatuz.
Payengi loa orain Subansirin eraikitzen ari diren urtegiak kentzen dio, Brahmaputraren adar horren inguruko ekosistemak aldatuko dituelako. Baina zuhaitzak landatzen jarraitzen du, orain gainera mundu osotik iritsitako diruei esker lau laguntzailerekin: "Natura ez da Jainkoa bera baizik, beste itxura bat hartuta. Horregatik jarraituko dut. (...) Gautam Buddhak argia baniano arbola baten gerizpean jaso baldin bazuen, ez ote da gure erantzukizuna oihanak zaintzea?". | news |
argia-ff166d7fef96 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/posturak.html | Posturak | Leire Narbaiza Arizmendi | 2017-07-23 00:00:00 | Posturak
Etxean entzuna dut txikitatik: "Jokoa ez da errenta". Amamak historia beldurgarriak kontatzen zizkigun posturen gainean; frontoian baserria jokatu zuen gizonarena, adibidez. Beti imajinatzen nuen gizona etxera itzultzen, emazte eta seme-alabei esaten bizilekua abandonatu behar zutela. Gurdi gainean ihesi, lau trepetxu eta piltzar batzuk jasota irudikatzen nituen nire buruan, film negar-eragile askotxo ikustearen ondorioz. Baina beti jartzen nintzen andre horren larruan, zein latza izan behar zuen ganorabako batengatik ordura arteko bizimodua alboratu behar izateak.
Antzinako kontua dirudi honek. Egia da gaur egun estanpa hori ez dela existitzen, baina ezin ahaztu posturak zenbaiten hondamendia direla. Jokoa arazoa da askorendako, eta orain askoz eskuragarriagoa da lehen baino. Ugaritu dira joko-aretoak, tabernetan apustu-makinak daude, internetez ere joka daiteke erruletan, ordu txikietako telebista saioek ere eskaintzen dute trabes egitea. Beti aberastasun promesa faltsuekin, zoriontasun eskuragarria krisi sasoi larri honetan. Droga moduko bat, menpekotasuna sortu samatik ondo oratuta eduki gaitzaten. Sistema honen beste tranpa bat, askatasun ekonomikoaren izenean, posturen esklabotza.
Kantuak esan arren bizitza tonbola bat dela, zorizko jokoak sekula ez dira errenta! | news |
argia-e0debeeedbed | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/birzentratzea.html | Birzentratzea | Bea Salaberri | 2017-07-23 00:00:00 | Birzentratzea
Udako etenaldiaren bezpera hauetan, larriki espantatua dute Abiadura Handiko Linearen ondorioz, distantziak laburtuko direla ikaragarri: Paristik Bordele 2 oren eta Baiona 3 oren eta erdira egonen dira. Beldurtzekoa: errazagoa Parisera joatea, Maulera edo Garazira baino.
Kontuak gogorarazi dit Bordeleko Victoire-n duela gutxi nola kafea zintzur kontra sartu zitzaidan 2,20 euro eskatu zizkidatenean. Kafeko. Bi ginen: 4,40 euro. Ez berezia, ez ebakia, kafe huts sinple bat. Eta horra non aldekoak azaldu zidan, natural-naturalki: "Orain Bordele Paristik bi ordutara da".
Tupustean galdegin nion ea hango prezioak zergatik jasan behar ziren. Ufatu zuen. Horretan utzi genuen, iduriz arras koherente eta arrazionala behar zukeen argumentuan zerbait huts egin nuelakoan. Mollat etxean diru gastatzera joateko enbeiak oro haizatu zizkidan.
Bai, Bordele Paristik bi ordutara da jada eta baliteke luza gabe baionesei Bordeleko prezioak aplikatzea: argi ez lukeenarentzat, kafea garagardotara konbertituz, kaña 4 eurotan ateratzen da. Mozkortzeko jornalaren erdia gastatu behar.
Trenaren adibidea interesgarria da, gaia aztertu duten zenbaitzuek aspaldian ondorioztatu baitute trena kanpainetara heltzeak eragin aldaketak, on eta gaitzak, aurrerapen ororen gisan. Gure kasuan, gure bizimolde eta kulturen asimilazioa bideratu zuen, garai berean berekin batera ekarri zituelako beste aldaketa zenbait eta aitzinamendua irudikatzea kanpotar kolonizatzailearekin alderatu eta parekatuz, haren baloreak hobetsiz, guretako zer den on irakatsiz. Larzabal, Erdozaintzi, Luku edo Irigoienek ez diote besterik.
Bordele da hurbilago, paristarrentzat eta Parisetik, eta gu handik hurbilago bihurtzea du xede, gure bizimoldean, prezioetan, kezka eta gainerateko guzian eraginez. Argumentu bat gehiago AHTren kontra. Mugikortasuna bultzatzean, mugimendu mota jakinak dira bilatzen, turistenak eta probintzialen izpirituenak.
Hain zuzen ere, trenbidea aipatzean mobilitatea aipatzen baitzaigu eta batez ere "deszentralizazioa". Kontu erretorikoa da. Bi mende dira, lege eta dinamika desberdinak direla, hura bera helburu dutenak. Aurkezten direnean, aipatzen da botere instituzionala, baliabideak, dena delakoak, deszentralizatzeko asmoa, Paristik, eta helaraztea probintzietara. Saltzen zaigun moldean, pentsa dezakegu probintzien probetxu dela, delegatzearen ideiarengatik, hots, hemen erabakitzeko edo garatzeko. Periferiara helarazten dira botereak, instituzio eta trenak baina ez guk erabiltzeko, zentroan denaren luzapena izateko baizik. Gure kasuan, frantses botere, kultura, bizimoldea, erabakiak, gure ziloetaraino helarazteko.
Nondik behatzen zaion, deszentralizazioak, zentralitate gehiago suposatzen du. Mobilitateak, imobilismo gehiago. AHTak turistifikazio eta akulturazio gehiago. Deszentralizazioa, ororen buru, zentralizazioa da, periferiko guzia erdiguneari beha jartzekoa eta norberarenetik deszentratzea da, gurea denetik urruntzea, ahantziz zer garen eta non.
Preseski, udako parentesi luzexka ideki aitzin, aipatu beharra dut ekimen interesgarria, agian gugan birzentratzen laguntzekoa: Euskal Herriko Unibertsitate Herrikoiak, agorrilaren 11 eta 12an Baigorrin antolatuko dituen Antilletan Bizi jardunaldiak. Hor jorratuko diren gaiak: identitatea, kreolizazioa, kulturen hibridazioa, elkarbizitza, uniformizazioa, kolonizazioa eta (bistan dena, hain modan baita) "damua". Dinamika sozialez gehiago jakinez beti baikara gugan zentratuagoak. | news |
argia-ca996cef8edb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/euskal-herria-basoz-baso.html | Euskal Herria basoz baso | Garazi Zabaleta | 2017-07-23 00:00:00 | Euskal Herria basoz baso
Eguzki sasoia iristearekin batera ohiko bihurtu da gure kostaldeko herriak bertako nahiz kanpoko jendez betetzen ikustea. Hondartzak lepo, masifikatuta, eskuoihala jartzeko ia tokirik gabe egon ohi dira maiz. Badirudi eguraldi onarekin ahaztu egiten zaigula itsasaldeko norakoetara ez ezik, bestelako esparru naturaletara irteera aukera ugari ere baditugula: horietako bat dira basoak.
Hamaika baso ditugu Euskal Herrian, bakoitza bere forma, ezaugarri eta bereizgarriekin. Parke Naturalen barruan daude horietako zenbait, babestutako eremuetan. Beste asko, berriz, ez dira inongo parke edo naturgune ezagunen parte: bisitariak sorpresaz harrapatuko ditu fama handirik gabeko baso horien xarmak.
Izan ere, zer da basoak eskaintzen diguna? Zein da basoaren xarma? Batzuek lasaitasunarekin lotuko dute, itzalpeko freskotasunarekin, animalia, landare eta zuhaitzen artean galtzearekin. Beste zenbait basoko zerbaiten bila hurbilduko da bertara: fruituak, perretxikoak, sendabelarrak… Eskuzabala da basoa. Edozein dela ere bertan galtzeko arrazoia, ezin uka guztiok zertxobait "basatiago" egiten gaituela, zentzumenak zorroztu eta naturaren parte sentitzeko beta eskaintzen digula.
Erreportaje honetan, bada, bidaia bat proposatuko dizuegu: Euskal Herria aldez alde zeharkatuko dugu basoz baso mugituz eta horietako zenbaitetan geldialdiak eginez. Herrialdeen arteko muga-marrak jarraituz marraztu dugu ibilbidea, mendebaldetik ekialderako noranzkoan. Goazen bada!
Abiapuntua: Izkiko basoa, ametzaren paradisu
Izkiko Natura Parketik hasiko dugu ibilbidea. Arabako Mendialdean dago baso hau, Bernedoko, Arraia-Maeztuko eta Kanpezuko udalerrien barruan. Landare eta zuhaitz espezie guztien artean, badu protagonista nagusi bat Izkiko basoak: ametza ( Quercus pyrenaica ). Basoko 9.000 hektareatik erdia, gutxi gorabehera, ameztiek hartzen dute.
"Geologiaren eta landarediaren arteko korrelazio garrantzitsua ematen da Izkin: basoaren erdigunea, Izki erreka pasatzen den bailara, oso inguru hondartsua da eta ameztiek osatzen dute. Periferiako guneak, berriz, inguru harritsuagoak dira, eta haritz eta erkametzez daude osatuta", azaldu digu Jonathan Rubines Arabako Parke Naturalen teknikariak.
Bestalde, eta azalera aldetik eremu oso txikia hartzen badute ere, Izkiko bereizgarri dira lurrazalera ateratzen diren gune lohitsuak, ur bildu txikiak. Bertako herritarrek "zapaka" hitzaz ezagutzen dituzten putzuok floraz eta faunaz oso gune aberatsak dira, bertan aurkitzen baitira beste inon ez dauden hainbat espezie.
Landaredian, aipagarritzat du teknikariak baso barruan hazten den nartziso mota bat: lilipa arrunta ( Narcissus pseudonarcissus ). Lehenetarikoa izaten da udaberrian loratzen. Martxo-apiril aldean baso oraindik marroiaren barruan kolore horiko nartzisoen larreak sortzen dira, paisaiari ukitu ederra emanez.
Basoan sartzean, begi nahiz belarriak adi edukitzea komeni da, lurretik edo airetik, handi nahiz txiki, baina hamaika animalia topatu baitaitezke Izkin. Zuhaitzen artean ametza bada nagusi, animalien artean okilak du paper hori. Parkean sei okil espezie daude, iberiar penintsulako toki oso gutxitan gertatzen da hori. Gainera, parkeko espezie nagusi den okil ertainaren ( Dendrocopos medius ) penintsulako populazioaren %30 inguru dago Izkin. "Espezie horren kontserbaziorako ingurune oso garrantzitsua da hau", dio Rubinesek.
Urtean 50.000 bisitari inguru jasotzen ditu Izkiko parkeak, baina Rubinesek argi du jende gehiago jasotzeko aukera baduela Arabako parkeak.
Gorbeiatik Aizkorri-Aratzera: pagoaren lurretan
Izkiko Parke Naturaletik ipar-mendebalderantz eginda, Gorbeiarekin eginen dugu topo, Araba eta Bizkaiaren arteko muga-lerroan. 1994an Parke Natural izendatua, 20.016 hektarea ditu parkeak, eta haritz, pago, pinu nahiz beste hainbat espeziez osatutako baso ugari ditu bere lurretan. Arabako aldean pagoak dira nagusi: Altubeko pagadi zabalaren adibidea da esanguratsuena.
Gorbeiatik ekialdera eginez, Bizkaia atzean utzi eta Gipuzkoa-Araba muga-lerroa segituko dugu helmuga berrira iritsi arte: Aizkorri-Aratz Parke Naturala. 19.400 bat hektarea ditu, eta horietatik 10.000 inguru basoak direla azaldu digu Valentin Mugarza Martinez Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko zuzendariak: "Batetik berez sortutako baso naturalak daude, pagadi, harizti eta ameztiak adibidez, eta bestetik landatutako basoak, hainbat pinu motaz eta alertzez osaturik, batez ere". Pagoak dira nagusi Aizkorri-Aratz inguruetan, baso naturalek hartzen dituzten 7.000 hektarea ingurutik 6.000 bat pagadiak baitira. Araba aldera, ordea, ametz eta erkametzek ere badute protagonismoa, 1.000 hektarea inguru hartzen dituzte. "Pagoa hedatzen ari da, eta horrek badu alde txar bat: haritzari lekua jaten ari zaiola. Parkearen helburuetako bat bada hariztiak mantendu eta azaleratzea", kontatu digu zuzendariak.
Izan ere, haritz kanduduna ( Quercus robur) , Euskal Herrian ohikoa den zuhaitz espeziea, asko galdu zen Gipuzkoan eta Bizkaian basoak ustiatzearen eta lurrak esku pribatuetan egotearen ondorioz. Aizkorri-Aratzen egun 400 bat hektarea osatzen dituzte harizti kandudun nahiz kandu-gabeek. Haritz kandu-gabeetatik ( Quercus petrea ), 200 hektarea inguru daude parkean. "EAEn espezie horren basorik handienetakoa da.
Ikatza egiteko basook ustiatu zirenez, parke inguruko egungo basoak 60-70 urteko baso gazteak dira, nagusiki. "Faunari zuzenean eragiten dio horrek: fauna aberatsa izateko beharrezkoak baitira zuhaitz zaharrak, egur hila, eta abar". Baso zaharretan adinako aberastasunik izan ez arren, hala ere, animalia espezie ugariren bizitoki da Aizkorri-Aratz Parke Naturala: hegazti harrapari eta bestelakoez gain –sai zuria, miru gorria, okil beltza–, gailurretako uhandrea, baso igel iberiarra, elur-lursagua eta beste animalia asko aurki daitezke bertan.
Bertizko Jaurerrira bidean, pagadi eta hariztiak zeharkatuz
Aizkorri-Aratzetik Nafarroarako norabidea hartuta, ezin aipatu gabe utzi Urbasa-Andiako eta Aralarko parke naturalak. Araba-Nafarroako muga-lerroan lehena eta Gipuzkoa-Nafarroakoan bigarrena, pagadiz osatutako basoak nagusi dira bietan.
Nafarroa eta Gipuzkoa arteko muga-lerroari iparralderantz jarraituz, berriz, etapako hirugarren parke naturala zeharkatuko dugu: Aiako Harria. Esanguratsuak dira Añarbeko urtegiaren inguruan dauden harizti eta pagadi basoak, animalia espezieen aniztasun handiko tokiak. Lurrazaleko aberastasunaz gainera, aipatzekoa da lur azpiko eremua ere: Arditurri meategietan murgiltzeko aukera izanen du Aiako Harrira hurbiltzen den bisitariak.
Aiako Harritik Nafarroara sartu eta Ipar Euskal Herriranzko norabidea hartuta, azkenean, iritsi gara hirugarren eta ibilbideko azken helmugara: Bertizko Jaurerriko Parke Naturalera. Euskal Herriko basoen inguruko erreportajearen ideiaz hitz egin nionean, segituan aipatu zuen Miel Mari Elosegi biologo eta Nafarroako baso teknikariak Bertizkoa. "Zuhaitzak jaio, heldu, hil eta usteldu egiten dira, hori da baso baten ziklo natural osoa. Eta Artikutzan eta Bertizen oso ongi ikusten da hori", azaldu zuen.
Harrigarria da Bertizek, Oieregi eta Oronoz-Mugairiko herriguneetatik hain hurbil dagoen basoak, gizakiaren esku-hartze hain txikia jasan izana. Nola den hori posible? Bada, erantzuna aurkitzeko Bertizko basoaren historia kuriosoa pixka bat arakatu behar da. 1898an Pedro Ziga Mayo eta Dorotea Fernandez jauntxoek erosi zuten Bertizko Jaurerria, eta haiek hiltzean garaiko Nafarroako Diputazioari utzi zioten testamentuan lursaila. Baldintza bakarra jarri zioten: basoa bere horretan uztea, esku-hartzerik gabe, ezertan aldaketarik eragin gabe.
Pagadi eta hariztiak elkarbizitzan ari dira Bertizko parkeko 2.040 hektareetan. Gutxiago, baina haltzadi, amezti eta txilardiak ere topa daitezke bertan. Eta noski, baso hain aberatsa izanik, animalia espezie ugarirentzat bizitoki ezin hobea da jaurerri ingurua, batez ere oihaneko hegaztientzat.
"Hildako zuhaitzak usteltzen ari dira, eta horrek desastrea dirudi. Askok diote, 'hau utzikeria!'. Baina ez, kontua da basoak benetan horrelakoak direla", dio Elosegik. Bertizen dena ez da erregularra eta kontrolatua. Edozein gizarterekin alderatzen du biologoak basoa, adin guztietako zuhaitzak egon behar dute: zaharrak, gazteak, jaioberriak…
Bertizko baso aberatsetik buelta eginda, hemen emanen diogu gure baso-ibilaldi honi amaiera. Jarraitu genezakeen aurrera Nafarroa-Iparraldeko mugalerroa hartuta, eta Iratiko baso ezaguna zeharkatu, eta handik segi Pirinio aldera, eta… Lehenago esan bezala, asko dira Euskal Herrian ditugun basoak, eta ezinezko guztiak erreportaje bakarrean sartzea. Edonola ere, udan basoan galtzeko harra norbaiti piztu izan diogula espero dugu, beti ere burua erabiliz: utz dezagun kotxea etxean, zaindu eta errespetatu dezagun ingurua eta saihestu ditzagun hondartzetako masifikazioak basoan. Akabo bestela… | news |
argia-8a755ed22fa0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/eppk-urratsez-urrats-askatasunaren-bidean.html | EPPK, urratsez urrats askatasunaren bidean | Xabier Letona | 2017-07-17 00:00:00 | EPPK, urratsez urrats askatasunaren bidean
Oso ausarta da EPPKren erabakia. Lehenbiziz bere bizitzan, badaki aurrerantzean bera izango dela bere buruaren guztiz jabe, ez duela ETArekin partekatu beharko ezer, molde batez edo bestez ETA desagertzera doalako eta presoek arduratu beharko dutelako beren etorkizunaz, beti ere euskal gizartearen laguntzarekin.
Hori da deigarri egiten den beste puntu nagusietakoa, egin beharreko bidea gizarteari begira egiteko borondate irmoa. EPPK-k badaki bere helburuak bete daitezen nonbaiten baldin bada sostengurik, hori euskal gizartean bilatu behar dela. Presoen esparru sozio-politikoak beti eman die babes politiko edota humanoa eta orain, espetxe politika aldaketaren aldarrikapenean, euskal gizarte ia osoaren sostengua dute. Euskal Herrian PP, UPN eta gutxi gehiago dira aldaketa ezaren gotorlekuan. Eta bai, sostengu hori orain arte ez da nahikoa izan espetxe politika aldarazteko, baina beti izan da lagungarria espetxean eusteko, senideak laguntzeko edota Madrilgo agintarien ankerkeria salatzeko. Ez da gutxi.
Urratsik garrantzitsuena 2013an iragarritakoaren garapena da: EPPK-ko kide bakoitzak bere bide propioa egin ahal izango duela Espainiako legediak eskaintzen dituen zirrikitu guztiak baliatzeko. Askatasuna helburu nagusi, Euskal Herrira gerturatzea, espetxe batean edo gehiagotan biltzea, gaixoak etxeratzea, baimenak izatea… denak balio du kalera bidean. Denak, salbu eta damutzea eta espainiar agintearekin kolaboratzea. Asko laburbilduta, hor dira EPPKren politika aldaketaren gakoak. Eta bide horretan kontraesan asko izan daitezkeela jakitun –adibidez, zer da damutzea? Nork jartzen ditu marrak?–, malgutasun handiz jokatu beharko dutela adierazten dute.
Iraganeko zama ere hor da
Dudarik gabe, bazen ordua! EPPK-k ikuspegi bat izan du orain arte eta EPPKtik kanpo izan diren beste askok beren bidea egin dute edo egiten ari dira: batzuek kalera ateratzeko eta beste batzuek ezker abertzalearen bide berria salatzeko. Barruan dagoenak hartu behar ditu dagozkion erabakiak, hori da kanpotik begiratuta begirunezko araurik oinarrizkoena. Ikuspegi horretatik, pena da hau 2013an erabaki zela eta 2017ra arte ez dela bide bihurtu.
Konponbideari begira, EPPK-k batez ere etorkizunari begiratu dio, logikoa den bezala. Baina iraganak zama sekulakoa utzi du kasu honetan ere, eta komeni da kontuan hartzea, euskal gizartearen erantzukizunaren tamaina ulertzeko: ETA-Madrilgo Gobernua negoziazio saio bakoitzean presoen eta errepresaliatu guztien egoera bideratzeko hainbat aukera galdu ziren, eta enbor haien mozketak ere badira egungo ezpal hauek.
Edozein modutan, guztiak etxean izan arteko bidean, garrantzitsuena da orain baldintza hobeak direla atzo baino presoen egoera urratsez urrats hobetu ahal izateko. | news |
argia-a9fe4c6268ee | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/40-urte-eta-elur-bola.html | 40 urte eta elur-bola | Imanol Alvarez | 2017-07-23 00:00:00 | 40 urte eta elur-bola
1976ko azaroan, Durangoko Azokaren testuinguruan –garai hartan azaroaren lehenaren bueltan egiten baitzen–, lagun batek eta biok deliberatu genuen euskal gay elkarte bat beharrezkoa zela, eta beste inork egingo ez zuenez, guk geuk sortu beharko genukeela.
Berehalako kontua izan zen: urtarril-otsailerako martxan zegoen. Gauzak arin samar joan ziren, herriaren askatasun-oldeak bultzatuta. Amnistiaren aldeko manifestazio batean irten ginen lehen aldiz geure pankartarekin, eta besteren batean gero; baina 1977ko azaroan geuk deitu genuen lehen aldiz manifestatzera, hainbat talde sozialekin batera. Indarrean zegoen Arriskutasun- eta Birgizarteratze-Legearen aurkakoa izan zen agerraldia, lege hark zigortzen baitzuen homosexual izatearen susmo hutsa. Nahiko arrakastatsua izan zen, lau mila lagun batu ginen-eta. Poliziak sakabanatu egin zuen, eta gu jipoitu. Jarrai nezake kontu kontari, baina hau bezalako ehunka orrialde beharko nituzke.
Berrogeigarren urteurrena ospatzen dugu aurten. Zalantzati gabiltza ordea, zerbait ospatzeko moduan ote gauden. Hainbat kontutan, jakina, asko aurreratu dugu. Hasieran amesten genuena baino gehiago, agian; baina oraindik lanean jarraitu beharrak, erasoek eta abarrek kezkaturik gaituzte.
Hainbat kontutan asko aurreratu dugu. Hasieran amesten genuena baino gehiago, agian; baina oraindik lanean jarraitu beharrak, erasoek eta abarrek kezkaturik gaituzte
Zorionez, urte hauetan guztietan beste talde batzuk sortuz joan dira, eta egun sare ederra dago osatua. Dena dela, praxi txar batez konturatu naiz: militantzian hasten direnak gehienetan nork bere elkartetxoa sortzen du, aurretik egina dagoena ezagutu eta aprobetxatu barik. Tamalgarria deritzot, besteak beste, denbora eta energia alferrik xahutzea dakarrelako. Aurreko artikuluan nioen gazteek uste izan ohi dutela mundua eurekin hasten dela. Eta hala da. Bizitzako edozein esparrutan bezala, gurean ere ia dena errepikatzen da ziklikoki. Hasiera-hasieran, adibidez, bipolaritateaz egiten genuen berba. Hau da, dena bitan banatzearen kontra geunden: maskulino-femenino, gizonezko-emakumezko, aktibo-pasibo... Gaurko gazteek ez dute bipolar hitza erabiltzen (ziur aski psikiatriak eritasun bati esateko darabilelako) binarioa baizik. Gizartea denen artean aldatu behar genuela-eta, beste herri mugimenduekiko elkarlanaz aritzen ginen gu; eurek orain intersektorialitatea gora eta behera darabilte. Txarrena da sinetsita daudela eurek asmatu dituztela kontzeptuok.
Nolanahi ere, hein batean poztu egiten naiz. Alde batetik zerbait bereganatzeko modurik hoberena norberaren hausnarketaren ondorio izatea delako; eta, beste aldetik, elur-bolarekin gertatu bezala, ematen duen buelta bakoitzean lodituz doalako kontzeptua, ñabardurekin osatuz. | news |
argia-42dd656e0daa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/proiektu-sozial-eta-euskaldun-bat-garazi-turistikoaren-bihotzean.html | Proiektu sozial eta euskaldun bat Garazi turistikoaren bihotzean | Ibai Trebi�o | 2017-07-23 00:00:00 | Proiektu sozial eta euskaldun bat Garazi turistikoaren bihotzean
Zitadela kalean, Donibane Garaziko gune turistikoaren bihotzean, irekiko ditu ateak Garaziko gaztetxe berriak datorren abuztuan, herriko jaien hasierarekin batera. Bere burua "gazteentzako euskarazko bizi espazio" gisa definituta, gaztetxeak arlo sozialean erreferentzialtasuna irabazi eta jarduerak soilik egunez egitea aurreikusten du –tailerrak edo ikastaroak, esaterako–, Iparraldeko beste gune batzuen joerarekin apurtuz.
80ko hamarkadan sortua, azken 12 urteak leku fisikorik gabe eman ditu Garaziko gaztetxeak, nahiz eta dinamikaren lekukoa "belaunaldiz belaunaldi transmititua izan den", azaldu digute Maia Iribarne eta Kamila Gratien gaztetxeko kideek. Orain baina, belaunaldi berri horien ekarpenari esker, gazteek gune propio bat izango dute hemendik aurrera, asanbladak lokal bat erostea erabaki ondoren.
"Ez da batere ohikoa, baino eztabaida askoren ondoren eta Garaziren berezitasunak kontuan hartuta, hautu hori hartu genuen", diote Iribarnek eta Gratienek. Horrela, tokiko enpresa zein elkarteen laguntzari esker, 32 metro karratuko lokalak balio dituen 60.000 euroren parte bat ordaintzea lortu dute. Bide horretan, Helloasso atarian 'crowdfunding' kanpaina abiatu dute, gainontzeko 25.000 euro biltzeko asmoz.
"Okupatzeko aukera ez dugu baztertzen"
Garazi inguruko herriei esker biziraun du proiektuak azken urteetan. Alokatutako edo utzitako lokaletan garatu izan du gaztetxeak jarduera nagusia, asanbladak edota gaualdiak, esaterako, "Garazin bertan ezinezkoa zelako", dio Iribarnek. Leku bat lortzeko hamaika saiakera egin dute. Instituzioek lokal bat utziko ziela agindu arren, Alphonse Idiart Garaziko alkate eskuindarrak "traba txikiak" jarri izan dizkie Gaztetxeko kideei, ia beti "detaile teknikoak" argudiatuz. Eta ez hori bakarrik; lokalak alokatzeko aukera oro eragotzi diete, ordainduz bada ere. "Ziur aski gure ereduarekin bat ez datorrelako", uste du Iribarnek.
Garaziko alkateak "turismoaren eta folklorearen alde" egiten duen heinean, gazte proiektuei ateak ixten dizkiela argi dute ekintzaileek: "Garazi herri pribatua da eta jabego gehienak gutxi batzuen eskuetan dira", salatu dute. Horren aurrean eta alternatiba errealak eraikitzeko bidean, "okupatzeko aukera ez dugu inoiz baztertu" diote, nahiz eta orain lokal bat erostearen aldeko hautua egin duten.
"Beharretara egokituko den" proiektu berria martxan izango da laster eta momentuz ekimenak izandako "harrera ona" nabarmendu dute Iribarnek eta Gratienek: "Are gehiago euskararen egoera larria ikusita". Funtsean, hori delako gaztetxe berriaren helburu nagusia: gazte dinamika batetik euskararen erabilera bermatzea. Non eta turismo masibo erdaldunaren bihotzean. | news |
argia-5b1fba138485 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/dominoa-liburuak-eta-errekaleor.html | Dominoa, liburuak eta Errekaleor | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2017-07-23 00:00:00 | Dominoa, liburuak eta Errekaleor
Liburutegitik liburuetara egingo dugu salto gaurkoan, irakurle, zer iruditzen? Titularra leituta harrapatu duzu tiroak nondik doazen? Akaso, horrela, lehen begiratura hiru hitz horiek ez dute lotura handiegirik. Lehengo astean Garesko liburutegi publikoa ARGIAko kide egin dela kontatu nizun, haiekin hitz egin ostean pauso hori emateko euren zergatiak azaldu nizkizun. Baina tira, beti eskatu eta eskatu ibiltzeak ere batzuetan ematen du halakoxe zera bat, ulertuko didazu, ziur nago, nola esango nuke hitz batean... erreparo pixka bat-edo.
Kontatu nizuen orain aste batzuk ere, aldaketak izan ditugula ARGIAren egoitzan; leku eta antolatzeko moduetan aldaketak. Eta hau ere ulertuko didazu, segur naiz, denok mugitu baitugu altzariren bat etxean alde batetik bestera; eta behin hasita dominoko fitxak ilaran erortzen diren bezala hasten da jolasa hemen ere: "Ohea bestaldera mugituko dut, hori egiteko han dudan armairua beste txoko horretan ondo geratuko da, horretarako mahaitxo hori hortik kentzea komeni..." eta abar luze bat ekar dezake honek. Eta horrekin guztiarekin batera geure buruari denok egin dizkiogun galderez zer esan? "Zergatik ote dut pilatuta nik hemen horrenbeste traste lekua okupatzen didatenak? Zenbat denbora da hau jantzi ez dudala? Nondik atera da liburu hau?".
Eta ni ere hasi bainaiz eta ezin isildu, konturatu naizen arte ez dizudala oraindik esan zer kristo kontatzera natorren gaur. Total, leku-aldaketaren kontu honekin dominoaren jolasa hasi dela Lasarte-Orian, mahaiak hara, ordenagailuak hona, apalak bestaldera, eta geure buruari denok egin dizkiogun galderak segidan; baina nagusiki bat: "Zer egingo dugu hemen dugun liburu-pila honekin guztiarekin?".
Guk baino hobeto aprobetxatuko dituzten batzuei eman dizkiegu, Errekaleorreko lagunei, euren liburutegia osatzeko (bateren bat, agian, erabiliko zuten solstizio gaueko sua pizteko ere). Gure aletxoa jarri nahi izan dugu, guk ere, argi baitaukagu. | news |
argia-971facc96d60 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/errekaleorrek-behar-zaitu.html | Errekaleorrek behar zaitu! | I�aki Barcena | 2017-07-23 00:00:00 | Errekaleorrek behar zaitu!
Eredu sozial berria eraikitzearen aldeko adibide asko ditugu gure Euskal Herri txikian, kapitalismoaren logikatik kanpokoak. Okupazio mugimenduak, azpiegitura erraldoien aurkakoak, elikagai subiranotasunean oinarrituak edo komunikabide alternatiboak. Kasu gehienetan, mugimendu eta antolamendu kritiko hauen gaineko informazioa eta eurekiko elkartasuna, instituzio politiko-administratibo eta enpresen aldetik erasoak eta errepresio saioak izaten direnean pizten da. Hori da hain zuzen, Gasteizko Errekaleor auzoan gertatu dena. Joan den ekainaren 3an 10.000 lagun inguru bildu ginen Errekaleor Bizirik!-ek egindako deialdiari erantzunez eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranen kontra. Manifestari askoren buruan zeuden Iñaki Azkunak Kukutzan eta Eneko Goiak Kortxoenean egindakoak. Errekaleor eredu autogestionario antikapitalistaren isla da eta horregatik eraitsi nahi dute. Gu, alde gaituzte.
Iberdrolak argindarraren zerbitzua eten eta gero, Errekaleorren trantsizio energetikoari ekin diote. Euskal multinazional energetikoak Donostian ekainaren 28an EHUko Udako ikastaro bat iragarrita zuen Trantsizio Energetikoa leloaz, baina bertan behera utzi dute data hau baino egun batzuk lehenago. Ez dakit zein izan ote den arrazoia, baina ez dut uste kasu honetan interes edo matrikulazio kopuru falta izan direnik. Ameriketako Estatu Batuetako presidente orde ohi eta Nobel sari Al Gore-k, euskaldunok zorte handia genuela esan zigun Bilboko Guggenheim-en duela urte batzuk. Aldaketa klimatikoari ekiteko Iberdrola eta Gamesa tresna oso baliotsuak dira, haren ustez. Gamesa duela gutxi Siemens alemaniarrari saldu diote eta nire aburuz, Iberdrola dugu arazoaren parte (nagusia) eta ez soluzioarena. Kapitalismoaren eredu soziala gainditzeko eredu energetikoa aldatu beharra dago eta trantsizio energetiko hori egitekotan, aldeko eta kontrako indarrak eta eragileak borrokan gaude. Iberdrolari aurre egin nahi diote Errekaleorren eta ez da erraza izango.
Aurka eta alde. Errekaleorren aurkako maiatzeko erasoa eta gero, jende mordoa mobilizatu zen, Altsasuko gazteen kontrako zigorraren kasuan bezala. Euskal Herriko kultura politikoan oso ohikoak ditugu injustizia sozialen aurkako jarrerak eta kritikak. Aldiz, nago, irakasgai bat gainditu gabe dugula oraindik, aldeko jarrera eraikitzaileak sortu behar izateko. Gasteizko auzoan egitasmo energetiko berria martxan jartzeko diru bilketa antolatu berri dute (coopfunding.net/es/campaigns/errekaleorbizirik) eta momentuz 900 lagunek parte hartu dute. Oraindik laguntza txiki asko beharko dute aurrekontua estaltzeko. Zuk ere parte hartu dezakezu, trantsizio energetikoaren eta eredu sozial berriaren parte izateko. Ekin! | news |
argia-17ec14162763 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/irakurleak-galdezka.html | Irakurleak galdezka | Jakoba Errekondo | 2017-07-23 00:00:00 | Irakurleak galdezka
Kaixo Jakoba. Ba al da modurik urtero hurrak jaso ahal izateko? Inausi, bai, ez...
Asier Bastarrika (Elkano-Aia)
Kaixo Asier. Nik esango nuke hurritzak urtero ematen duela fruitua. Eta hala ez bada arazoren bat dugu. Hori gertatzeko hiru arazo posible ikusten ditut: lurreko gaitza izatea, hau da, hemengoa ez den aldaeraren bat izan eta onddoren batek erasotzea; bestetik, polinizazioan arazoak izatea, udazkenaren amaieran loratu eta polinizatzen da eta orduan arazo bereziren bat izatea, batez ere eguraldiari lotua; edo fruitua erortzea, fruitua hartuagatik, hostoa ireki eta fruituak azaltzen direnean giro bero edo lehor edo antzeko txarkeriaren batengatik fruitu pinporta ttikiak erortzea. | news |
argia-a442a821bd16 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/nola-libratu-erromako-legiotik.html | Nola libratu Erromako legiotik | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-07-23 00:00:00 | Nola libratu Erromako legiotik
Italiar penintsula, K.a. 343. Lehen Gerra Samnita piztu zen erromatarren eta Apeninoetako samniten artean. Erromatar armadak hasieratik legio zuen izena, baina, ordurar arte, greziar polis-en falangeen moduan jarduten zuten gudu-zelaian. Samniten aurkako gerra piztu zenean hasi ziren taktikak aldatzen eta modu formalagoan antolatzen. Hasierako bakarra bitan banatu zen lehenik, lautan aurrerago, eta pixkanaka, geroz eta gehiago profesionalizatu zen.
Lanbide gogorra zen legionarioena. Baina baldintzak ez ziren hain kaskarrak. Janaria, bizitokia, soldata finkoa, erretiroa eta arreta medikoa bermatuta zeuzkaten, eta pribilegioak izan ohi zituzten, esaterako, epaiketetan. Gerrako harrapakinen zati bat ere eramaten zuten. Legioan sartzeko eskakizunak betetzea erraza zen: erromatar hiritarra izatea –atzerritarrek tropa osagarrietan parte hartzeko aukera zuten–, 1,65 metro edo gehiagoko garaiera edukitzea, gutxienez 17 urte izatea eta osasun azterketa gainditzea. Horregatik, asko ziren beste ogibiderik ezean legioa hautatzen zutenak.
Baina Erromako ejertzitoan parte hartzea ez zen beti hautazkoa. Gerra garaian 17 eta 60 urte bitarteko herritarrak errekrutatzen zituzten, eta gerra ez zen ezohikoa Erroman. Eskakizunak ez betetzea zaila zen. Soldadutza egin eta gerrara joatea baino zeregin hobeak zituztenek osasun-azterketa ez gainditzea zuten gehienetan legiotik libratzeko aukera bakarra, ondorengo garai gehienetan bezala. Eta hori lortzeko bideetako bat erpuruak moztea zen, muturreko metodoa baina eraginkorra, erpururik gabe ezpatari heltzerik ez baitzegoen. Augustoren garaian (K.a. 16-K.o. 14) kasu sonatu bat izan zen: erromatar aberats batek –eliteak ez zeuden salbuetsita– bi semeei erpuruak moztu zizkien haurrak zirela, haztean gerran galduko zituen beldur. Amarrua harrapatu eta gizona esklabo saldu zuten.
Datu zehatzagorik ezean, ez dakigu horrelako kasuak bakanak ziren ala ohikoa zen garai hartako "intsumisoek" hatzak moztea. Baina Inperioaren amaieran, barbaroak hiriaren atarian zituztela, soldaduek sekula baino gehiago zuten galtzeko eta ezer gutxi irabazteko. Erpuruak ebakitzea oso ohiko bihurtu zen nonbait, 368. urtean legeria aldatu eta heriotza zigorra ezarri baitzuten, odol isuria gudu-zelaira bideratzeko asmoz. | news |
argia-06c37fe4d766 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/lagun-izoztua-kolega-kongelatua.html | Lagun izoztua, kolega kongelatua | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2017-07-23 00:00:00 | Lagun izoztua, kolega kongelatua
Uztailaren 15ean Donostiako Victoria Eugenia Club aretoan eskaini zuten Hozkailua antzezlana.
20 gradu inguru egiten zituen Donostian joan den larunbatean, ez oso sargori ere. Gauean hoztuko duen prebisioarekin, badaezpada jertse fin bat hartzen duzun egun horietakoa. Sartu ginen Victoria Eugeniako sotoan, hartu genituen posizioak lehen lerroan, eta minutu pare bat aski izan ziren, atxis, jertsea janzteko. Polarra zen aire girotu hura. "Nahita egingo zuten, antzezlanak Hozkailua dauka izena", esan zenidan. Bagenekien Huts teatrokoak espezialistak direla gauza berriak probatzen, laugarren pareta hautsi, publikoa ere obraren parte egin, gauza horiek; baina ikusleak Kelvinator batean sartzea obra hasi aurretik… Ezin zuen izan, ez, ez zen beraien asmoa, handik gutxira gelditu zuten Siberiako haize makina, juxtu Patricia Urrutia eta Ander Lipus eszenatokian agertu baino lehen.
Eta agertu ziren hozkailu batekin. Hozkailu zahar bat, zikina, herdoildua, astunki garraiatzen zutena eszenatoki atzean marra gutxi batzuekin iradokitzen zen Mad Max estiloko paisaia batetik. Jimmy dago hozkailu barruan, Maite eta Karlos protagonisten lagun izandakoa –bueno, lagun: kolega–, zeina Londresen hil den duela gutxi eta eskatu duen bere herrian lurpera dezatela. Baina ez dira herriaren izenaz akordatzen. Bilaketa hori iniziazio-bidaia bihurtuko zaie protagonistei edo, hobe esanda, berriniziazio-bidaia, 20 urte inguru zituzteneko oroitzapenetan oinarritzen baita antzezlana.
Iraganaren errebisioa ardatz duten obrak ari dira izaten azken urteetan euskal teatroaren lan esanguratsuenetako batzuk –gogoratu Dejaburen Gure bide galduak eta Arrastoak , adibidez–; eta Hozkailua ren kasuan, esango nuke senidetuta dagoela marko horretan sar daitekeen beste lan batekin: Dejabuk berak, Le Petit Théâtre de Painek eta Artedramak 2010ean estreinatu zuten Errautsak ekin. Antzeko elementuak bietan, hildako lagunarekin hasi, defuntuak oholtzan duen presentzia/ausentziarekin segi, heriotzak probokatzen duen lagunarteko harremanen berrikusketaraino. Testuan ere bada kointzidentzia, obra hura Igor Elortzak eta Unai Iturriagak idatzi baitzuten eta hau Iturriagak.
Baina oraingoan formatu txikiko lana da, zeinean lupa gehiago gerturatzen den protagonista bakoitzera, belaunaldi-erretratuari pisua kenduz –horren pintxo batzuk jan genituen arren, aktoreek Baldin Badaren edo Eskorbutoren kantak abestu zituztenean–. Lan punkagoa da hau, ondo aukeratutako lau akorderekin zuzenean zainera apuntatzen duena, Lipusen eta Urrutiaren arteko dialogo biziek lagunduta –hori da eszenatokia betetzea, 60 minutu airean pasatu ziren–.
Amaieran iragarri zuten udan atsedena hartuko dutela. Irailetik aurrera hasiko dira berriz Euskal Herriko antzokiak freskatzen. | news |
argia-8a95bdd475ee | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/orrialderik-onenetakoak.html | Orrialderik onenetakoak | Aritz Galarraga | 2017-07-23 00:00:00 | Orrialderik onenetakoak
Jon Alonsoren hitz-lauzko lana –bere adar anitzetan: narrazio, nobela, saiakera, horien arteko nahasketa posible guztiak– balio segurua dela badiot, ez naiz orain arte esan gabeko ezer esaten ari. Besterik da hitz-lauzko lan horren barne hierarkizazioa aldakorra izan daitekeela esatea. Esan nahi dut, bere garaian tarte honetara ekarri banuen Camembert helburu , eta aitortu banuen "aldarrikatu beharreko liburua" dela, gaur ekarri nahiko nuke Hodei berdeak , Jon Alonsoren orrialderik onenetakoak bertan daudelako ustean. Noski, hau ez da konpetizio bat, ez bada, orrialde bikainen artean aukeratu ahal izanik, irakurlearentzako pagotxa sekulakoa.
Hodei berdeak , beraz, liburu interesgarria ikuspuntu askotatik, hasteko planteatzen duen jolas metaliterarioarengatik: nobela gisa hasten da kontakizuna –"nobela hori, izan, bada. Edo nobela itxura duen zerbait, behintzat, osorik eta erabat bukaturik ez dagoen arren"–; baina nobela horren gaineko oharrak irakurtzen hasiko gara halako batean –"sasi-nobela horren osagarri litezkeen ohar edo zehaztapen hauek idatzi baititut"–. Azkenerako, ustez lau eskutara idatzitako liburu bat irakurtzen ari garela jabetzeko: "Nire lehengusu Xabierrek idatzi zuen nobela bukatugabearen zirriborroa, baita nik berarekin proiektu honetan ibili nintzen denboran –gehi bere zirriborroa leituta burura etorri zaizkidanak–, idatzi ditudan ohar guztiak ere".
Hodei berdeak , beraz, liburu interesgarria ez bakarrik egituragatik, berdin harrapatzen dituen kontuengatik. Kokatzeko, kronologikoki, "etorri zen Iruñeko Aberri Eguna, Vuelta a España-n jarritako lehergailua, salbuespen-egoera. Etxebarrieta hil zuten". Eta politikoki, bada, batetik, geopolitika kontuak, hala nola yankeeekiko harremana –"Francoren Espainia nola pasatu zen etsai izatetik aliatu estrategiko garrantzitsua izatera"–, eta zehatzago EAJk izan zuena –"sozio erabilgarriak izan ziren garai batez"–; baina interesgarria, batez ere, indarkeriaren gaineko dilemaz ari delako, eta gurean sentsibilitate diferenteek borroka armatuarekiko hartu zuten jarreraz: "EAJk borroka armatuaren justifikaziorik onartzen ez duen honetan, bere jarrera beti 'baketsua' izan dela dioen honetan, garrantzizkoa da gogoraraztea ez zela hori bere jarrera 1968-69 urteetan". Tesi orokorra izanik gurea ez dela zeozer originala, nabarmenduz "gure pieza-izaera, gure txikitasuna, gure nazioartekotasuna", eta berriz ekarriz ideia higatu baina zentzurik batere galdu ez duena: "Aje edo bestondo izugarria bezalakoa da gurea (...) mozkor historiko baten ondorioa".
Hodei berdeak gaurkoan, beraz, Jon Alonsoren orrialderik onenetakoak bertan daudelako ustean, eta auskalo garai buelta hartako, XXI. mende hasierako euskal literaturako orrialderik onenetakoak. | news |
argia-80dd756b5055 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/berta-caceresek-borrokatu-zuen-urtegia-gelditu-dute.html | Berta C�ceresek borrokatu zuen urtegia gelditu dute | Xalba Ramirez | 2017-07-13 00:00:00 | Berta C�ceresek borrokatu zuen urtegia gelditu dute
Hondurasen 2016ko martxoan hil zuten Berta Caceres ekintzaile ekologista Agua Zarcako urtegiaren kontrako borrokan aritzeagatik. Orain, makroproiektua gelditzea erabaki dute.
Garapenerako Holandako Bankuak eta Kooperazio Industrialerako FuntsaFinlandiarrak behin betiko kendu diote babesa Agua Zarca proiektu hidroelektrikoari. Urtegia eraikitzera zihoan Garapen Energetikorako Sozietate Anonimoa enpresak azken urteetako tentsioa baretzea espero du. Komunitate indigenekin hitz egiteko asmoa duela jakinarazi du, etorkizuneko garapenaz hitz egiteko.
Komunitate Indigenak gogor borrokatu dira, beren lurrak, ekosistema, ekonomia eta bizi eredua arriskuan jartzen zuen urtegiaren kontra. Errepresioa eta gerra zikina ere jasan dituzte: Global Witness-ek egindako txosten baten arabera 2015ean 185 ekintzaile ekologista hil zituzten. Ostiralean, Lesbia Yaneth Berta Cáceresen kidea hil zuten.
Berta Cáceres, mundu mailan ezaguna zen ekintzailea, 2016ko martxoaren hiruan hil zuten tiroz. Cáceres Hondurasko Erakunde Herritar eta Indigenen Batzorde Zibikoa elkartearen sortzailea zen, herri indigenen borrokan erreferentea den eragilea. 2015ean nazioarteko Goldman saria eman zioten –Ekologismoaren Nobel sari bezala ezagutzen dena– hain zuzen lortu zuenean Agua Zarca proiektutik alde egitea Sinohydro enpresa txinatarrak, mundu mailan sektoreko handiena dena. | news |
argia-7420384e47e1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/elkartasun-berpizte-saioa.html | Elkartasun berpizte saioa | Iker Barandiaran | 2017-07-23 00:00:00 | Elkartasun berpizte saioa
Disko honek hamazazpi urte ditu, baina berrargitaratu berri dute biniloan, inoiz kaleratu ez zen formatuan, diskoa kaleratu eta gutxira taldea desegin zutelako. El Corazón del Sapo taldeak Aragoin du jatorria, baina Euskal Herriarekin bat egin eta berehala bertakotu ziren. Hain zuzen ere, hamazazpi urte lozorroan egon ostean bueltan dira eginbehar bakarrarekin: Hatortxu Rock jaialdiaren edizio berezi honetan beraien alea jartzea.
El Corazón del Sapo 90eko hamarkada aberatsarekin estu lotzen dugu askok. Ipar gabe edo ideia faltan zegoen Espainiako Estatuko hardcore-punkari freskotasun itzela ekarri zion taldeak agertokian, musika eskaintza energetiko, konprometitu eta irudimentsuarekin. La imaginación contra el poder estreinako lanetik abiatuta taldeak begi eta belarri asko zabaldu zuen. Eta, jakina, azkar baino azkarrago Espainiako Estatuan musika eszena indartsuena eta underground azpiegitura sendoena zuen Euskal Herriak besoak zabalik hartu zuen taldea. Haiek ere etxeko sentitu ziren eta askotan izan zen taldea gure artean; poliki-poliki hemengo egin zen hein handi batean.
Hamarkada hura oso aberatsa izan zen, herri ia guztietan gaztetxeak zeuden, lan egiteko gogoa eta moduak kontzienteagoak eta eraikitzaileagoak ziren eta azpiegitura sendoak eraikita zeuden: irrati libreak, fanzineak, diskoetxe independente batzuk, banaketa alternatibo sareak, anti-desarrollismo izaera, sormena barra-barra eta musika zale ugari, besteak beste. El Corazón del Sapok ere esentzia hori zuen (eta du) barrenean. Horren erakusle, taldeak izan zuen ibilbidea eta izaera. Gainera, hamarkada hark iraganeko punk vs heavy dikotomia (dagoeneko antzua zena) apurtu eta musika estilo zein gustuen irekiera itzela ekarri zuen berarekin batera. Hala, estilo askoren arteko mugek eztanda eginda, irekierak fusio aberatsa ekarri zuen, musikari ere on egin ziona. El Corazón del Sapo horren adibide argia izan zen.
Gerora Kuraia, Matxura eta gaur egun Estricalla gidatzen duen Fer Apoak El Corazón del Sapo taldean eman zituen lehen pausoak desegin zen arte. Bertan eskola zaharreko hardcorea, melodia barra-barra, letra larriz idatzitako poesia, metal zipriztinak eta rap-a landu zituzten maisuki, erritmo aldaketa, gitarra lerro sarkor eta esentzia berezkoarekin. La casa magnética grabatu zuten azken diskoa ere horren erakusle da. Eta, aipatu beharra dago, berrargitaratutako diskoaren irabaziak Errefuxiatuen aldeko Zaragozako plataforma laguntzeko bideratuko direla. | news |
argia-d411a84c9901 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/claudia-cedo-antzeztoki-berezietan-sortzaile.html | "Antzerkia askatasun espazioa da, eta gaixotasun mentala dutenak ohituta daude halakorik ez izatera" | Saioa Baleztena | 2017-07-23 00:00:00 | "Antzerkia askatasun espazioa da, eta gaixotasun mentala dutenak ohituta daude halakorik ez izatera"
Psikologoa da Clàudia Cedó, baita antzerki-zuzendaria eta antzerkigilea ere. Banyoles (Girona) du bizitoki eta han sortu du, artea eta psikologia uztartuz, gaixotasun mentala duten 120 lagunek osatutako Escenaris Especials egitasmoa.
2006an otu zitzaizun psikologia eta artea fusionatzea. Nola sortu zen ideia?
Psikologia eta antzerkia uztartuta lor zitezkeen helburuak ezagutzeko jakin-mina nuen aspalditik. Psikologia ikasketak amaitu berri nituen, eta antzerkia ikasten ari nintzela jabetu nintzen antzerkigintzan egiten nituen jarduerek barruko emozioetan eragiten zidatela. Konturatu gabe, psikologiaren bitartez ere landu zitezkeen gauzak lantzen hasi nintzen antzezpenaren bitartez. Beraz, erabaki nuen erabilgarria litzatekeela esperientzia horri forma eman eta Escenaris Especials proiektua abiatzea.
Erreferentziazko proiekturen batean oinarritu zinen bide horri ekiteko?
Artea askok landu dute terapiaren alde. Adibidez, erreferenteetako bat dut Jacob Levy Morenoren psikodrama. Hark ere psikologia eta antzerkia uztartzen zituen, baina, arazo psikologikoak lantzeko interesa zituzten kideak aukeratzen zituen antzerkiaren bitartez, haien arazoak antzeztu eta lantzeko.
Zertan da desberdina Escenaris Especials?
Gurea ez da terapia. Guri interesatzen zaigu, adibidez, drogadikzioaren kontrako borrokan dauden ikasleek antzezlan bat egitea gai horretaz; agian eurek heriotzaz hitz egin nahi dute, edo sexuaz, edo beste gairen batez. Beraz, zentzu horretan gaiak irekiagoak dira; izan ere, estigmak eragiten duena da autismoa edo gaixotasun mentala duten lagunek horretaz baizik ez hitz egitea, eta hori bazterketa da.
Antzerkigintza, bere horretan, terapeutikoa da?
Zalantzarik gabe, eta horretan oinarritzen gara. Alegia, antzerkia egitea guztiontzat da positiboa. Antzerkigintza askatasun espazioa da, nahi duguna filtrorik gabe esan eta egiteko. Baliabide bat da, gertatzen dena da kolektibo hau bereziki ohituta dagoela askatasun espaziorik ez izatera. Tira, guk ez dugu terapiarik egiten, baina terapeutikoa bada, izan.
(Argazkia: Proscenium)
Hamargarren urteurrena ospatzen ari zarete. Emaitzekin pozik?
Azken hilabeteetan hainbat ekitaldi antolatu ditugu, baina bereziena azkena izan da: urteurren gala. Oso pozik gaude emaitzarekin. Sari banaketa izan zen, oso hunkigarria. Hamar urte hauetan egin ditugun 54 antzezlanak ekitaldian aipatu genituen eta, hein batean, aitzakia izan zen ibilbide guztiaren errepasoa egiteko.
Nola eragiten die sari banaketa baten bitartezko aitortzak zuen ikasleei?
Kontuan hartuta Hollywooden mailako gala bat antolatu genuela, ikasleek ilusio handiz bizi izan zuten. Aktore ezagunak etorri ziren eta aukera izan genuen aldarrikapena egiteko. Izan ere, gisa honetako galetan normalean gaixotasun mentala duten pertsonak ikusezinak izaten dira, erabat.
Bakarrik hasi zinen. Zeintzuk osatzen duzue gaur egun lantaldea?
Oraintxe 120 ikasle ditugu eta lantaldea handitu da. Marta Iglesias psikologoa eta antzerki zuzendaria da, ni bezala. Ana del Barrio arduratzen da ekoizpen arloaz, eta behin espektakulua sortzen dugunean, jende gehiagok parte hartzen du, kontu teknikoak, eszenografikoak eta diseinu lanak egiteko.
Nola lortzen duzue finantzazioa?
Hasteko, antzerki saioak eskaintzen dizkiegun hamar fundazioek urteko kuota bat ordaintzen dute. Horretaz aparte, Banyoleseko Udalaren, La Caixaren, Psikologoen Eskolaren eta beste hainbat elkarteren diru-laguntzak jasotzen ditugu. Gure erronka da finantzazioa bilatzen jarraitzea ekonomia ez dadin izan edonor proiektuan murgiltzeko arazo bat.
Zein da zuenean parte hartzen duten ikasleen profila?
Profilak askotarikoak dira: ahalmen urritasuna duten helduak, gaixotasun mentala dutenak, autismoa dutenak, urritasun neuromotoreak dituzten haurrak eta adikzioen kontrako borrokan daudenak, besteak beste.
Eta zein da haien beharrik garrantzitsuena?
Euren askatasuna sustatzen duten ekimenen beharra dute. Baina behar hori orokorra da, ez bakarrik bazterketa jasaten dutenentzat, baizik eta gizartearentzat, oro har. Haur garenean, askatasunez jolasteko espazioekin arazorik ez dago, baina koskortzen garenean, espazio horiek desagertzen dira erabat. Eta osasun mentalerako funtsezkoak dira. Desberdintasunari balioa emango bagenio, kultura izugarri aberastuko litzateke, eta, artea baliabide bikaina da horretarako.
Zaila da artea eta terapia uztartzen dituen proiektu bat altxatzea?
Egoera asko hobetu da hamar urte hauetan, baina lan handia dugu aurretik. Zaila da gizarteari eta erakundeei ulertaraztea psikologia eta artea uztartzen dituzten proiektuak ezinbestekoak direla. Sekulako lana egiten ari gara, eta jendea ez da konturatzen. Ez dago erantzukizunik, eta borroka etengabea da. | news |
argia-b3c69fac0f73 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/kirola-eta-kultura.html | Lehiak sormena elikatzen duenean | Jon Torner Zabala | 2017-07-23 00:00:00 | Lehiak sormena elikatzen duenean
Kultura eta kirola hain aparte ez daudela erakustera dator elkarrizketa sorta hau. Edo, bederen, hain aparte ez dutela zertan egon aldarrikatzera, badutela elkar zer eskaini, sarri mesfidantzaz eta batzuetan mespretxuz begiratzen dioten arren elkarri. "Futbola da herriaren opioa". Zenbat bider entzungo ote genuen esaldi hori, masak lokartzeko jukutria besterik ez balitz bezala, alde batera utzita gizarte justuagoa sortzeko erreminta izan daitekeela.
Futbolaz aritu zaizkigu hain justu solasean Anartz Zuazua antzerki zuzendaria eta Rayco Sanchez rap musikaria, Jokoz kanpo obraren eta Opio errebeldea liburuaren harira. Erreportajearen lehen zatian, halere, txirrindularitza izan dugu hizpide: Julen Gabiria idazlearekin luze aritu gara Han goitik itsasoa ikusten da eleberria aitzakia gisa hartuta, eta Jone Uria bertsolariak kirol horrek zergatik liluratzen duen azaldu digu. Emakume gehiagori lekua egin ez izanaren arantzatxoa geratu zait.
------------------- ELKARRIZKETA -------------------
Julen Gabiria, idazlea
"Askotan epika nahi dugu eta epika sortzen dugu"
Julen Gabiria (Galdakao, 1973) idazle, itzultzaile eta ziklismo zale eroa (barkatuko ote dit horrela definitzea). Bi eleberri ditu plazaratuak, Elkar argitaletxearen eskutik biak, Connemara gure bihotzetan 2000. urtean eta Han goitik itsasoa ikusten da 2004an. Bigarren nobelaren kontakizuna hasten da Euskal Herrian, gerra aurreko urteetan, eta garatzen da II. Mundu Gerra bitarteko Italian, Toskanako Ponte a Ema herrian, Gino Bartali ziklistaren sorlekuan. Hura da liburuko protagonistetako bat.
"Duela 25 urte hasi zen guztia", azaldu digu Gabiriak, 1991ko Ciclismo a Fondo aldizkariaren ale bat erakusten digun bitartean. Franco Chioccioli ziklista italiarra ageri da azalean eta, barruan, Bartaliri egindako elkarrizketa. Ponte a Emakoak bitan irabazi zuen Frantziako Tourra (1938n eta 1948an), eta hiru bider Italiako Giroa (1936an, 1937an eta 1947an). Tarte oso handia dago garaipen batzuen eta besteen artean. Erdian, gerra. "Bartalik ez zuen gustuko gerraren izugarrikeriez hitz egitea, baina elkarrizketan badira urte horiek hizpide dituzten pasarteak", diosku Gabiriak. Eta bospasei lerro irakurri ditu ozen, non José Antonio Díaz kazetariak azaltzen duen nola Bartalik bere prestigioa baliatu zuen San Frantzisko Asiskoaren basilikan ezkutatu ziren judutarrei laguntzeko. Poliziak ez zirenez ausartzen 'txapeldun handiari' alto ematen, dokumentuak garraiatzen zituen gurpiletan gordeta. Bila ezazue orain Bartaliri buruzko informazioa interneten, Wikipedian esaterako. Irakurriko duzue bera hil (2000. urtean zendu zen) eta bizpahiru urte pasa arte ez zela jakin Bigarren Mundu Gerran judutarrak lagundu zituela. "Nola liteke? Nik 1991n irakurri nuen-eta!", dio Gabiriak. "Askotan epika nahi dugu eta epika sortzen dugu".
Bediako etxean hartu gaitu Julen Gabiriak. Ziklismoa ardatz duen liburu mordoa du pilaturik. "Izaeraz ziklismoa narratiboagoa da beste kirol batzuk baino", diosku. "Tourrak, esaterako, nobela baterako material ugari eskaintzen du: korapiloak daude, traizioak… Historia infinitua da. Oso ondo islatzen du gizartea bera, giza jokaera osoa: Eskuzabaltasuna, laguntza, engainua, poza, gorrotoa…" / JON TORNER ZABALA
Bartalik bizikleta baliatu zuen "iraultza" egiteko. Gaur egun posible ikusten al duzu ziklismoak nolabaiteko eraldaketa bultzatzea?
Ez dakit. Ruandan, adibidez, gerrak gogor kolpatutako herrialdean, txirrindulari taldea osatu zuten hango gazteei aukera bat eskaini aldera. Bartaliren garaian bai, posible zen iraultza egitea. 1948an gertatu zen: Italia astintzen ari ziren liskarrengatik guda zibila lehertu ez bazen, Bartalik herria baretzea lortu zuelako izan zela diote kronikek. Ministroen Kontseiluko presidenteak, Alcide de Gasperik, Frantziako Tourra lehiatzen ari zen ziklistari hots egin eta esan zion: "Gino, Italian gauza izugarriak gertatzen ari dira. Fabore bat eskatu behar dizut: irabazi ezazu Tourra". Eskatu eta egin. Etapa irabazi zuen, baita lasterketa ere. Herriak "opio" hori jaso eta Italiako egoerak lasaitzera egin zuen.
Gaur egun, ordea, ez dut ikusten zertan konprometitu ahal diren, zein den, esaterako, zalegoa mobiliza dezakeen kezka sozial bat. Bere txikitasunean hor dago Sky edota Trek taldeek egindakoa, euskal txirrindularien izenen alboan ikurrinak jartzearena. Identitate propioa onartu diete.
Identitatea aipatuta, Euskaltel taldea desagertzeak zein eragin izan du zure ustez?
Hasteko, esango nuke txirrindularitza zaleak irabazi egin duela, zalearen kalitateari on egin diola. Laranjaz jantzitako bat ikusi eta builaka hastea, eta beste talde batzuetako euskal ziklistak apenas ezagutzea… Orain, oro har, karrerak ikustera doanak badaki Astana taldean badela euskaldun bat, beste bi Treken… Zaleei batu zitzaien mitxelin hura desagertu egin da; Pirinioetara joatea Athletic edo Realaren banderekin… ez da lekua. Baina, bestetik, egia da egiten zuen harrobi lanari begiratuta jipoia handi samarra izan dela.
Bizikletaren erabiltzaile gisa, mugikortasun politiketan eragin daitekeela uste al duzu?
Konplikatua da, kotxearen nagusitasuna hain baitago erroturik… Administrazioak halako eta besteko neurriak har ditzake, baina errepideen diseinuari so egin eta… Gidatzeko modua ere halakoxea da, nahiz eta Euskal Herrian beste leku batzuetan baino kontzientziatuago gauden. Nik derrigortuko nuke jende guztia, urtean ez dakit zenbat egunez, harat-honat bizikletaz mugitzea. Denok egon beharko genuke katearen alde guztietan, denok garelako oinezko, asko auto-gidari eta batzuk zikloturista. Guztiok izan behar dugu kontziente, baita ziklistak ere. Batzuek, erdi-profesionalak diren askok tartean, sutan jartzen naute semaforoetan-eta geratzen ez direnean.
Kirola eta kultura. Bi munduek mesfidati begiratzen diote zenbaitetan elkarri…
Joan izan naizenean triatloi edota txirrindularitza probak ikustera gogotik animatzen ditut parte hartzaileak, baina egia da inguruan ditudan kultura zale eta ez hain kirol zale batzuek zalantza agertzen dutela kirolariak animatzerako orduan. "Zergatik behar ditut txalotu, euren gogoa betetzen ari badira?" diote, aditzera emanez "kapritxoz" ari direla horretan. Quebrantahuesos martxa zikloturistaren kasuan, esaterako, 75 euro ordaindu eta gogoa eman dizun hori egiteagatik txaloak jasotzea, profesionala ez zarenean gainera… Kirol eszeptikoek ez dute ulertzen.
Onartu behar da kirolak baduela aitorpen sozial bat kulturak inondik ere ez duena eta txaloarekin adierazten dena. Bertsolaritzak edota zuzeneko musika emanaldiek badute, baina idazleak ez du txalorik jasoko ez bada irakurle talde batean-edo. Zalantza hori sor daiteke: lan intelektuala egin eta ez duzu txalorik jasotzen, eta lan fisikoa egiten duenak aldiz bai. Bizi gara gizarte batean non ariketa fisiko mugako horri balio handia ematen zaion. Nik, halere, txalo egiten diet, momentu horretan sortzen delako harreman bat, futbolean adibidez zailagoa dena, jokalariak urrunago daudelako. Karreristak begiratu egiten zaitu, animoak eskertu, keinutxo bat egin eta zenbaitetan baita hitz batzuk zuzendu ere. Berezia da. Eta txalotzen ditut erakusten didatelako giza gaitasun fisiko eta mentalak zein muturretaraino eraman daitezkeen. Ezin dut edozein mutur onartu, duintasunak muga bat duelako kirolean ere bai, baina esfortzu fisiko eta mentala miresgarria iruditzen zait sarri.
Fausto Coppi eta Gino Bartali ageri dira 1952ko Tourreko argazkian. Orduz geroztik zer aldatu den galdetu diogu Gabiriari. "Zer? Dena: Txirrindularien prestakuntza-maila, bizikletak, erropa, teknologia, taldeen aurrekontua... Halaber, lasterketak beharturik daude UCI egutegian sartzera; gainerakoan... Antolatzaileak geroz eta profesionalagoak dira, enpresa ikuspegia dute, eta horrek dakar lasterketa handiak are handiagoak izatea eta txikiak desagertzea. Ikusle gisa, bestalde, dopin susmoengatik-eta, lilura apur bat galdu dut. Izan daiteke adinean aurrera goazelako...". / OMEGA FOTOCRONACHE, CARLO MARTINI
Alde ilunik ere badu ziklismoak, dopina adibidez.
Zikloturista arrunta naiz ni, baina duela bi urte tropel-kideak atzean uzten nituen konturatu ere egin gabe. Urte horretan mordoa ibili nintzen eta… Horrek galdera honetara garamatza: Zer da dopina? Non dago muga? Garai batean, Olinpiar Jokoetan parte hartu behar zuten atletek debekaturik zuten gehiegi entrenatzea, demagun urtean 40 egunez asko jota, hortik gorakoa tranpa zen, gorputza ez zelako ari egoera naturalean lehiatzen. Zer da baina naturaren legeen arabera lehiatzea? Pertsona batek ezin dezake halterofilia egin baldin eta portuan ari bada lanean pisu handiko kargak batetik bestera garraiatzen eta, denborarekin, gorputza izugarri zaildu badu? Naturaz fitsik ere ez dugu balio gehienok. Hain da gai korapilatsua… Medikuntza beti doa pauso bat aurrerago, zaila da horri mugak jartzea.
Nekatua nago jada, etsipen puntuarekin. Ziklismo zaleak ez direnek beti susmoarekin begiratuko diote kirol honi, kontrol gehien egiten diren kirola bada ere. Bereziki 90eko hamarkadatik hona, zaleak erabaki bat hartu behar izan du sinesgarritasunaren inguruan, eta nik ere hautua egin dut: Dena sinisten dut, liburu eta film onak sinisten ditudan modu berean; guztiz murgiltzen naiz horietan, eta berdin txirrindularitzarekin. Ikusten ari naizena sinisten dut sinesgarria baldin bada, kontrakoa frogatzen ez den bitartean. Eta sinisten dut, hain zuzen ere, lehen esandakoagatik, oraindik inork ez duelako argi definitu zer den dopina, non dauden mugak, esate baterako apur bat dopatzearen edo asko dopatzearen artean. Nik platanoak jaten ditut nekatuta nagoenean; duela ehun urte Euskal Herrian platanoak zer ziren ere ez zekiten, beraz abantaila daukat orduko ziklista batekin konparatuta. Hori dopatzea al da? Platano batek dauzka nire gorputzak modu naturalean sortzen ez dituen karbono-hidratoak, potasioa eta bitamina mordoa... Baina ordubetean 40 platano jaten baditut, erne. Bestetik, ziklismoa beti izan da kirol pobrea, eta batasun gutxikoa: nola da posible ez agertzea hainbeste dopin kasu futbolean, tenisean...? Ez daude ala kirol horiek ordezkatzen dituzten erakundeek barra libreagoa eskaintzen dute?
Liburu eta dokumental ugari inspiratu du azken urteotan dopinak, ziklismoak oro har.
Hala da, sekulako obra piloa ari da argitaratzen. Jende batek hartu du bizikleta tendentzia gisa, joera moderno eta on bezala, eta liburuaren merkatua hauspotu du horrek. Sortu dira "Libros de Ruta"eta beste argitaletxe batzuk, aldizkariak… Uste dut mundu anglosaxoitik datorren fenomenoa dela. Tourrean aspaldi sartu ziren, 1980ko hamarkadan, Greg Lemondekin, eta gero etorri dira Armstrong, Hamilton, Wiggins, Cavendish, Froome... Hamaika historia elikatu dituzte, dopinarekin lotutakoak asko, eta gaiari buruzko ezagutza handirik ez zuen kultura bat hasi da ziklismoa kontsumitzen. Gurpil baten modukoa da: ziklismoak elikatzen du estetika, estetikak kultura, kulturak ziklismoa, eta tartean sartzen da liburuen produkzio geroz eta handiagoa.
Elkarrizketaren hondarrean futbolak duen gerra zentzuaz aritu gara solasean, eta gerra eta literaturaren arteko talkaz...: "Literatura fijatzen da xehetasunetan, eta gerrak berez ez du xehetasunetarako tarterik, irabazten du batak ala besteak, ez du globaltasun horretan humanitate edo gertakariei izen abizena jartzeko gaitasunik. Gerrak berak bere baitan biltzen du ekintza bera eta esango nuke hori dela literaturaren aurkakoa, zeren literatura fijatzen da ñabarduretan, gertakari txikiagoetan, azken batean pertsonengan, eta gerrak anulatu egiten du pertsona. Beraz, literaturatik hurbilago ikusten dut ziklismoa, futbola baino".
-------------------------- IRITZIA ---------------------------
Badu zerbait txirrindularitzak
Jone Uria Albizuri, bertsolaria
Txirrindularitzarekin gaztarekin bezala gertatzen dela esango nuke: edo zale amorratua zara, edo ezin duzu usaindu ere egin. Nire buruari gazta zergatik gustatzen zaidan galdetu ez diodan era berean, ez dut inoiz planteatu zer ote duen txirrindularitzak ni harrapatzera heltzeko. Boteprontoan erantzun beharko banu botako nituzke ikusgarritasuna, emozioa, eskatzen duen sakrifizioari miresmena, abileziarekiko inbidia... baina horiengatik baino ez balitz kirol gehienekiko izango nuke halako zaletasuna, eta ez, ez naiz edozein kirol irensteko gai den horietakoa.
Badu beraz txirrindularitzak zerbait. Ziur aski sorpresarako joera izango da zale mota jakin bat harrapatzeko arrazoietako bat, tartean ni. Oso zaila da asmatzen zeinek daukan eguna, zein doan eroso, zeinek joko duen erasoa, noiz joko duen, eutsiko ote dion… Ikusi besterik ez dago esatariak ere nola ibiltzen diren batzuetan. Eta susmoa dut txirrindulariek eurek ere ez dutela jakiten gorputzak nola erantzungo dien askotan. Dudarik ez, bakoitzak berea ezin hobeto ezagutuko duela, baina lepoa egingo nuke gutxien uste dutenetan harritzen dituela beraien buruak, bai onerako eta baita txarrerako ere. Aldi berean ederra eta amorragarria izan behar da hori, ze egun daukazun asmatu ezina behin hasi arte. Txarra duzula uste eta ona duzula deskubritzea, onena eman nahi eta zapuztuta amaitzea.
Badu beste ezaugarri bat niri atentzioa betidanik deitu izan didana. Ez zait behintzat bururatzen beste kirolik aldi berean hain taldekako eta hain indibidualista denik. Horrek ezinbestean dakar norbere lekua aurkitzen saiatzea, egoak kontrolatzen asmatzea… Oso ariketa zailak eta interesgarriak dira, eta txirrindulariek nahi gabe ere egin beharrekoak. Lasterketa batera haizea kendu, lehertu arte erritmoa jarri eta ur botilak garraiatzera doanak badaki zertara doan. Badaki bera ez balego sailkapen nagusia jokatzera doanak ez lukeela bilatzen duen emaitzarik lortuko. Badaki ez duela aukerarik izango jakiteko bera noraino iritsiko litzatekeen lasterketa beste era batera korritu ahalko balu. Eta alderantziz, talde buruak badaki zortzi lagun dauzkala berarentzako lanean, eta horrek ze erantzukizun dakarren. Norbere buruari huts egitea gauza bat baita, eta laguntzen aritu zaizkizunei ere huts egitea bestea. Taldekideren bat norbera baino indartsuago egongo ote den beldurra, maila emango ez duzunarena. Presio horri ondo erantzuteko ere gaitasun handia behar da.
Sortzen duen zaletasunak ere badu magia berezi bat. Nola joaten den jendetza portu bateko puntara edo erdibidera txirrindulariak behin pasatzen ikusteko. Nola txalotzen duten gogoz, nola animatzen duten edozein, berdin ze herrialdetako, ze koloreko maillot, ze izen eta ze palmares. Toki guztietan bezala, bada lekuz kanpo egoten den zale hori ere, baina gutxiengoa dela esango nuke. Izango dira ere zale gutxiko lasterketak, eta tokatuko zaie errepide hutsetan lehiatzea. Horretarako ere, balio behar. Baina oro har zale entregatua eta esker onekoa da txirrindularitzarena, eta horrek ere adierazten du zerbait.
Baina ziur aski lilurarazteko arrazoi potoloenetako bat, txirrindulari bakoitzaren izaera gurpil gainean nola dabilen ikusita irakurtzeko aukera ematen duela da. Erasokorra maiteko dute batzuek, buru hotz jokatzen duena besteek. Aldapa behera ero bezala joaten dena, edo prudentziaz jokatzen duena. Estratega ona, non eraso asmatu ohi duena. Inon eraso ez eta azken unean azeri jokatzen duena. Erreleboak ematen dituena, ematen ez dituena. Ematen ez dituenarekin haserretzen dena, onartzen duena. Keinu asko ikusten dizkiegu, eta sinesten dugu era batera edo bestera ezagutzen ditugula, badakigula nola jokatuko luketen egoera baten aurrean eta nola ez. Nahiz eta gero benetan ez ditugun ezagutzen, eta ustez zintzoa zenak positibo ematen duen, edo kotxe bati heltzen dion aurrera egiteko, edo dena delakoa. Baina bakoitzaren ustezko izaera ezagutzeko aukera horrek ematen dio puntu bat.
Testua amaitzera nindoala, hasieratik irakurtzen hasi eta konturatu naiz zergatik naizen txirrindularitza zale. Egin proba eta irakurri testua "txirrindularitza"ren lekuan "bertsolaritza" jarriz, etaparen lekuan "plaza" eta "kirol"en lekuan "jardun". Denak ez du berdin balio, baina baietz antzekotasun batekin baino gehiagorekin topo egin.
---------------------------- BIBLIOTEKA ----------------------------
Frantziako Turra epopeia gisa
Roland Barthes ( Le Tour de France comme épopée , 1955)
Euskaratzailea: Koldo Izagirre
Badaukagu Frantziako Turraren onomastika, berez eta besterik gabe dioskuna Turra epopeia handi bat dela. Iduri luke txirrindularien izen gehienak arrunt antzinako garai etniko batetik datozela, arrazak hotsa fonema bakan batzuen bitartez egiten zuen garaitik (Brankart frankoa, Bobet frantziena, Robik zelta, Ruiz iberiarra, Darrigade kaskoina).
(…)
Ugariak dira besarkadak Turrean. Marcel Bidotek, Frantziako taldearen zuzendari teknikoak, Gem besarkatzen du garaipen batengatik, eta Antonin Rollandek pot sutsu bat pausatzen du Geminianiren beraren masail krokailduan. (…) Kasu ordea estekatu zoriontasun anaikor honi talde berdineko kideen artean irakiten dauden gregariotasun sentimenduak; sentimenduok anitzez uherragoak ditugu. Finean, harreman publikoen perfekzioa ez da posible handien artean baizik: "morroiak" tranpalean ageri diren ber, epopeia nobelaren mailara da jaisten.
(…)
Turraren geografia ere probaren premia epikoaren azpikoa da osoki. (…) Maldak, "ehuneko" errebes edo hilgarrietara mugatuak, zitalak dira, eta Turrean etapak oro nobelako kapitulu banaren unitateak izanik (iraupen epikoa da kontua, baitezpadako krisien batuketa, eta ez gatazka bakar baten garapen dialektikoa, iraupen tragikoan bezala), etapak, alegia, gauza guztien gainetik, pertsonai fisikoak ditugu, elkarren ondozkako etsaiak, epikaren Natura definitzen duen moralaren eta morfologiaren nahaste horrek batbederatuak.
(…)
Txirrindularia dopatzea Jainkoa imitatu nahi izatea bezain kriminala, bezain sakrilegoa da; Jainkoari pindarraren pribilegioa ebatsi nahi izatea da. Jainkoak, gainera, badaki mendeku hartzen horrelakoetan: Mallejac dohakabeak badaki, dopin probokatzaile batek eromenaren atarira eraman du. Bobetek, aitzitik, hotz, arrazional, ez du batere ezagutzen jumpa. Bobet heroi gizatiarra da guztiz, ez dio deusik zor naturaz goitikoari, eta lurtar hutsak diren dohainetarik lortzen ditu garaipenak, ereduzko punimendu humanistari esker bikainduak: nahikundeari zor.
(…)
Turrak moral anbiguoa dauka (…) Txirrindulari baten sakrifizioa bere taldearen garaipenean, berak berberak egina edo zuzendari teknikoak inposatua, beti da goraipatua, baina hala berean eztabaidatua ere. Sakrifizioa handia dugu, noblea dugu, talde kirol jardunaren betetasun moralaren lekukoa zaigu, haren justifikazio nagusia da; baina Turraren legenda osoak ezinbestekoa duen beste balio bat dauka kontrakarrean: errealismoa. Sentimenduak ez dauka lekurik Turrean, horixe da espektakuluaren interesa pizten duen legea. (…) Baina Turra kirola ere badugu, kolektibitatearen morala du eskatzen. Kontrakar hau dugu, egia esan inoiz konpondu gabea, legenda behartzen duena beti sakrifizioa eztabaidatzera eta esplikatzera, bere euskarria den moral eskuzabala gogora ekartzera. Balio sentimentala bezala hartzen dugulako behar izaten du sakrifizioak behin eta berriz justifika dezagun.
Testu osoa: Armiarma.eus
------------------- ELKARRIZKETA -------------------
Anartz Zuazua, antzerkigilea
"Futbolaren mundu eroa parodiatu nahi genuen; antzerkiak behar ditu kontzientziak astindu"
Anartz Zuazua (Donostia, 1973) antzerki zuzendari eta aktorea Borobil Teatroa konpainiako kide da. Lau obra dituzte taularatuak: Ali Baba eta 40 lapurrak, On egin!, GU ez gaude bakarrik eta Jokoz kanpo , futbolaren demasiez ari den komedia. Manuk eta Martinek, lagun zaharrak, mutil kozkorrek osatutako futbol talde bana entrenatzen dute, eta txapelketako finalean elkarren aurka arituko dira. Garaipena da nor direla frogatu eta bizitzan jokoz kanpo ez daudela erakusteko modu bakarra.
"Futbolaria izan nahi nuen nik, umeen %95 bezala, baina oso txarra nintzen, aulkian nengoen beti", kontatu digu Zuazuak. "Partida baten atarian, ordea, entrenatzaileak esan zidan taldeko kapitaina izango nintzela. Ezin nuen sinetsi ere egin! Joan nintzen zelai erdira, arbitroa zegoen lekura, eta gure taldea zein aldetan jokatzen hasiko zen hautatu nuen. Talde bakoitza bere alderantz joan eta… entrenatzaileak esertzeko agindu zidan! Pentsa zer izan zen hura niretzat, kapitain izendatu, aldea hautatu eta ordezkoen aulkira zuzenean, partida osoa hantxe kieto emateko. Nire esperientziatik abiatuta, futbolaren mundu ero hura parodiatu nahi nuen, salaketa gisa ere bai, gauzak eskutatik ihes egiten ari zaizkigula erakusteko. Antzezlaneko pasarte asko benetan gertatutakoak dira.
Argazkia: JON TORNER ZABALA
Antzezlana ikusi duten guraso batzuek motz geratu zaretela diote, elkarrizketa batean zenionez.
Obra hau ikustera antzerki zaleak datoz, futbol munduko jendea baino gehiago, baina Reala Fundazioarekin elkarlanean dozena erdi emanaldi eskaini ditugu Gipuzkoako hainbat futbol talderen urteurren ekintzen barruan, jokabide okerren inguruan hausnartzea xede, eta antzezlana ikusi duten guraso eta entrenatzaileek esan digute errealitatea are burugabeagoa dela. Esperientzia interesgarria izan da, antzerkira joateko ohiturarik ez duen jendea etorri delako. Eta ikusi du antzerkia zera, ez dela hain… alegia, barre majo egin dutela.
Eskola kirola duzue jo-puntuan.
Nire ustez kirola gaizki enfokatua dago. Joko garbiaz hitz egiten da, parte hartzeaz… baina azken finean irabazi egin behar duzu, lehia da inportanteena, oro har bizitzako gainerako esparruetan bezala. Garrantzitsuena emaitza ez den beste formula bat bilatu beharko litzateke.
Eta gurasoak… Askok uste dute euren semeak Messi edo Ronaldoren mailara helduko direla, horregatik daude tamainako kalapitak. Ikusten duzu 10 urteko mutikoen partidetan jendea bere onetik aterata eta… Uste dut gure bizimoduak baduela zerikusirik horrekin. Frustrazio handia sortzen duen sistemaren parte gara eta horrek eragina du gure jarreran; zelaira zoazenean nahi duzuna egin eta edonor iraindu dezakezu… Donostian bi ama elkar joka hasi ziren batak bestearen semeari epelak esan zizkiolako; eta ume batek, egunkarira gutuna bidali zuen, mesedez eskatuz bere aitari ez joateko gehiago bera futbolean ikustera, lotsa pasatzen zuelako. Guraso horiek zelaitik kanporatu beharko lirateke.
Antzerkiaren bidez ba al dago balore positiboak transmititzea?
Noski, horretarako ari gara honetan. Antzerkiaren egitekoa da kontzientziak apur bat astintzea. Gertatzen dena da antzerkiari exijitu behar zaiola gutxieneko kalitate eta zorroztasuna, ez du edozer gauzak balio. Monologoen garaia bizi dugu, sakontasun handirik gabeko komediena. Barregarriak izan daitezke, baina hor geratzen dira.
Futbolak duen oihartzunari dagokionez, zergatik du horrenbesteko garrantzia? Komunikabideek nahi dutelako. Politikariek ere bai, baina hedabideak dira futbola honetara eraman dutenak. Telebistan egunero dago partidaren bat; aurrekoan umeen txapelketa bat ematen ari ziren telebistan, zoraturik gaude. Futbola gustuko dut, baina lepo egin dut jada.
Kulturak tarte txikiagoa du hedabideetan…
Begira pilotari. Bi enpresa sortu ziren, ETB buru-belarri sartu zen, astebururo ematen ditu partidak… horrek zaletasuna sortzen du. Kulturarekin gauza bera egin beharko litzateke, hura baita herri bati nortasuna ematen diona, hark desberdintzen gaitu besteengandik. Telebista kateek kulturari buruzko programak sortu beharko lituzkete, eta ordutegi normaletan eman. Horrek jendea kulturizatuko luke eta, ondorioz, ez litzateke edozer gauzarekin konformatuko, Sortzaileok beharturik egongo ginateke maila handiagoa ematera, eta sortuko litzateke nolabaiteko aberastasuna…
… gaur egun ez dagoena.
Gurean ez dago kultura-programaziorik, bizkarrezur definiturik, denboraldi bakoitzeko egitaraua markatuko duen gairik… Zinemaldian edota Musika Hamabostaldian bai, beti dago zikloren bat-edo, baina gainerakoan… Bestalde, ikuskizun bat 12.000 euroko laguntzarekin egin behar duzu, diru horrekin aktoreen soldata ordaindu eta abar, eta gainera kristoren maila emateko eskatzen dizute. Ezin dugu Europako taldeekin lehiatu, Madrilgo batekin adibidez, eta halere lehiatzen dugu, liga berdinean ari gara. Hori bai, euren muntaiek agian zortzi aktore dituzte, eta gu kondenaturik gaude gehienez hiru edo laurekin lan egitera.
'Jokoz kanpo' obrako hiru aktoreak: Joseba Apaolaza, Asier Sota eta Asier Hormaza. Apaolazak 3. mailan jokatu zuen, eta Hormaza futbol zale amorratua da. Haien bizipenak ere jaso dituzte antzezlanean. Hilaren 24an Hondarribian eskainiko dute, eta urriaren 18an Urnietan, Reala Fundazioaren eskutik.
Antzerkitik bizi ahal izatearen kontu hori beraz…
Geroz eta kalitate hobea daukagu, baina sektorea oso instituzionalizatua dago. Alegia, gure lana aukeratuko duen –ala ez– programatzailearen menpe gaude; talde asko gara, kalitate desberdinekoak, baina programatzerakoan ardatz zehatzik ez dagoenez zaku berean sartzen gaituzte denok, eta dirurik ezean, bi ikuskizun programatu badaitezke bakarraren prezioan, kalitatearena bigarren planora pasako da. Programatzailearen lana da jendea motibatu eta antzokira erakartzea, ezin duzu helburutzat izan soilik kupoa betetzea. "Antzezlan bat ikustera joatea garestia da ordea!". Barkatu? Kontua da ez dagoela ohiturarik.
Antzerkiarentzat ez dago dirurik, penagarria da. Ezin gara aktoreengana joan eta esan urte osoa pasako dugula entrenatzen, baina ez daukagula eurei ordaintzerik. Aktore batek, soilik antzerkia eginez, dena ondo joanez gero 1.000 euroko soldata irabaziko du; behin familia osatuta, nekez egin daiteke aurrera diru horrekin.
Maila berean dauden Estatuko konpainiek diru-laguntza askoz ere handiagoak jasotzen dituzte. Hala nekez lortuko dugu azpiegitura sendoa sortzea. Eskaria ere zenbatekoa da? Eskoletatik hasi beharko ginateke lanean, kirolaren kasuan bezala. Gure garaian Atotxara joateko sarrerak banatzen zituen Realak ikastetxeetan. Zaletasuna sortzen du horrek.
Zaletasuna, kirol-jarduerarekiko, inon bada, inguruotan dago.
Ni ez naiz kirola egitearen aurkakoa, ezta gutxiago ere, baina Euskal Herrian bizi duguna… Zergatik joaten gara hainbeste mendira, triatloiak egin, bizikletan ibili? Nire ustez, ez dugulako hitz egiten. Dauzkagun kargak esfortzua eginez erretzen ditugu. Edo estadiora joanez; hainbesteko estresarekin bizi gara, barrualdean dugun korapiloa askatzeko garrasika hasten garela. Futbola bilakatu da talde-terapia.
Antzerkia ere izan al daiteke terapeutikoa?
Bai, bada. Azken finean futbol partida bat ez da igandean hasi eta bukatzen, astelehenean hasi eta igandean amaitzen da. Berdin antzezlan edota film bat; ikusi aurretik edo ondoren hari buruz hitz egin dezakezu, planteatzen dituen kontuez eztabaidatu… futbolak eta antzerkiak antzekotasun handiak dauzkate.
Antzerkia sustatu aldera, zein urrats eman daiteke ikastetxeetan?
Adibide bat jartzearren: Soinketa ematen du gorputz hezkuntza ikasi duen norbaitek, eta antzerkia aldiz irakasleak. Hemen bagaude profesionalak lan hori egin dezakegunak. Jakintza ikastolan ematen ditut antzerki klaseak nik, eta nabari da aldea. Ikuskizun duinak prestatzen ditugu eta zaletasuna sortzen du horrek; gainerako ikasleek ikusten dute gauza txukunak sortzen ditugula eta hurrengo urtean jende gehiago animatzen da. Positiboa litzateke horri jarraipena ematea, tartean behin ikasleak antzerkira eramanda esaterako. Badira eurei zuzendutako zikloak, baina murritzak dira oso.
Bestalde, ETBk ez du ekoizten. Hanka-sartze handia iruditzen zait. Ez dugu erreferenterik, ez badira espainiarrak. Goazen! telesaila kritikatu daiteke ala ez, baina arrakasta izan du. Egizue bada hori, besteak imitatu beharrean! Star-System bat sortu beharko litzateke. Hemen aktore batek bi film egiten baditu jendea kexaka hasten da: "Beti bera agertzen da-eta!". Bada, bai, baina gainerako lekuetan ere hori gertatzen da; inportantea da, erreferenteak sortzen direlako.
------------------------- BIBLIOTEKA -------------------------
Futbola, herriaren opioa?
Eduardo Galeano ( El fútbol a sol y sombra)
"Zertan dute antza futbolak eta Jainkoak? Sinestun askok dieten debozioan eta intelektual askok dieten mesfidantzan.
1902an, Londonen, Rudyard Kiplingek iseka egin zien futbolari eta "hartara jokatzen duten memelo lokaztuek asebete ditzaketen arima nanoei. Mende bat geroago, Buenos Airesen, Jorge Luis Borges sotilagoa izan zen: Hilezkortasunaz mintzaldia eman zuen Argentinako selekzioa 1978ko Munduko Txapelketako lehen partida jokatzen ari zen egun eta ordu berean.
Intelektual kontserbadore askok mespretxuz begiratzen diote, ziur direlako pilotaren idolatria dela herriak merezi duen superstizioa. Futbolak harrapatua, plebeak hankekin pentsatzen du, berezkoa duenez, eta menpeko gozamen horretan errealizatzen da. Animalia instintua gailendu egiten zaio giza arrazoiari, ignorantziak Kultura zanpatzen du, eta jendailak nahi duena dauka horrela.
Aldiz, ezkerreko intelektual askok futbola deskalifikatzen dute masak zikiratu eta haien energia iraultzailea desbideratzen duelako. Ogia eta zirkua, ogirik gabeko zirkua: pilotak hipnotizaturik, zeinak lilura perbertsoa eragiten duen, langileek euren kontzientzia atrofiatzen dute, eta apenas imintziorik ere egin gabe artaldea bailiran gidatzen dituzte haien klase-etsaiek.
Futbolak utzi zionean ingelesen eta aberatsen kontua izateari, Rio de la Platan lehenbiziko klub herrikoiak sortu ziren, trenbide-tailerretan eta portuetako ontzioletan antolatuak. Garai hartan, buruzagi anarkista eta sozialista batzuek burgesiaren azpikeria hura salatu zuten, grebak saihestu eta kontraesan sozialak ezkutatzea zituelakoan helburu. Futbolaren zabalpena zen maniobra inperialista bat, zapaldutako herriak inozentzian mantentzea zuena xede.
Hala ere, Argentinos Juniors taldeak bere sorreran Mártires de Chicago izena zuen, maiatzaren lehenengo batean urkatu zituzten langile anarkisten omenez, eta maiatzaren lehenengo batean jaio zen Chacarita kluba, Buenos Aireseko liburutegi anarkista batean bataiatua. Mende berriko lehenbiziko urte horietan, ez zen falta izan futbola goratu zuen ezkerreko intelektualik, kontzientziaren anestesia bezala arbuiatu ordez. Haien artean, Antonio Gramsci marxista italiarra, zeinak goretsi egin zuen "aire zabalean egikaritzen den giza leialtasunaren erreinu hau".
------------------- ELKARRIZKETA -------------------
Rayco Sanchez, rap musikaria
"Futbola ezkertiarra da zoriontasuna transmititzen duenean"
Rayco Sanchez, Bilbotarra (Txurdinaga, 32 urte), Norte Apache Rap taldeko kide, gizarte hezitzaile eta futbol-zale sutsua. Bloga du ARGIAn, "Opio Errebeldea" , eta izen bereko liburua plazaratu berri du Taupaka elkartearekin. 40 historia labur jaso ditu, mintzo direnak futbolaz, iraultzaz eta gizarte aldaketaz.
Liburuaren aurkezpenean, Bilboko Kirruli tabernan, hiru zaletasun dituzula zenioen: Gizarte aldaketa, rapa eta futbola. Azken hau aipatzean keinu berezia egin zenuen, barkamena eskatuz bezala…
Sekulako zaletasuna dut, baina gaur egungo futbola ez dut gogoko. Ez dakit mespretxua den, lotsa… Lehen futbola denona zen, baina orain merkatuaren legeei erantzuten die eta prentsa arrosaren tankera geroz eta handiagoa du. Cristiano Ronaldori 15 milioi euroko iruzurra egin izana leporatzen zaio eta, hala ere, hedabideek lehen planora eraman duten galdera da ea Real Madriletik ospa egingo duen ala ez, iruzurrarena bigarren mailan utzita.
Change.org webgunean sinadura-bilketa abiatu du Real Madrileko jarraitzaile batek, Ronaldori zorra barkatu diezaiotela eta taldean gera dadila eskatzeko. 2.500 sinadura biltzeko bidean da…
Sinadura eman duten lagun horiek guztiak ezin dira kartzelaratu? Edo, hobe, ezin zaie liburutegiko karneta egin eta bertan denbora bat ematera derrigortu? Kontua da mass-mediek elikatutako zerbait dela. Hedabideek ke-gortina antolatu eta iruzurrarena bigarren planora daramate. Eta osorik irensten dugu.
Nik ere baditut nire kontraesanak. Ingalaterrako Liga jarraitzen dut, gogoko dut Liverpool edota Arsenalen partidak ikustea, nahiz eta badakidan futbolaren merkantilizazioaren eredu direla eta bazkideek dirutza ordaindu behar dutela haien taldea zuzenean ikusteko. Ez nago horren alde, baina… Zaleak aipatuta, San Mamesera noanean azken tragoa inguruko taberna batean hartzen dut nik, eta apur bat gorago esertzen diren bazkideek, gehiago ordaintzen dutenez, alkohola lasai asko kontsumitu dezakete...
Interes askok egiten dute bat palko batean.
Badakigu negozioa dela, taldeetako presidenteek interes politiko eta ekonomikoak dituztela. Guk "Kutxabank" daramagu kamisetan. Enpresa horrek ordezkatzen al gaitu? Komisioak, hipotekak, etxegabetzeak… Zergatik Kutxabank? Edo Petronor? Behin jarrita, zergatik ez dugu Fly Emirates konpainiaren logoa paratzen? Kontua da Athletic-eko presidentearen alderdiko enpresak direla, eta feedback positiboa sortzen dela zale eta enpresen artean.
Athleticek jasotzen dituen diru-laguntzek apenas sortu dute polemika…
Diru-laguntzak ez dira zentzuzkoak. San Mames Barria izugarri arin eraiki zuten, langileen eskubideak urratu ziren… Ezerk ezin du hori justifikatu. Zergatik ez dugu diru publikoa baliatzen lana sortzeko? Zergatik ez duzu etxeko jendea kontratatzen? Ez dago herri hobeagorik beharrak bere kabuz asetzen dituena baino. Hori da ongizate estatua. Eta ez Portugaleko enpresa bat kontratatu eta langileak baldintza kaskarretan aritzea. Gainera, partida bat ikusteko 40 eurotik gora ordaindu behar dira.
Gabarra eraberritu eta Bilboko Itsas Museoan leku egokia atontzeko 80.000 euro baliatu zituen 2013an Portu Agintaritzak. "Gabarrak badu erromantizismo ukitu hori, antzinako futbola gogora dakarkiguna", dio Sanchezek. "Baina, berriro ateratzekotan, emakumeek aterako dute, baldin eta klubak bere jarrera aldatzen badu. Zergatik ez gara ausartu gabarra ateratzen neskek Liga irabaztean?". / LA INFORMACIÓN
Ongizate estatu batean kulturak ere merezi duen babesa izan behar du.
Bai, batzuetan amorragarria da ikustea batetik kirolak eta bestetik kulturak zer laguntza jasotzen duten. Bermatu behar da herritar orok izatea aukera gauza biez gozatzeko. Horrekin lotuta, futbol estadioan orotariko jendea biltzen zen lehen, fabriketako ugazabak, langileak… eta orain, ostras, nik dirua aurreztu behar izan dut bazkide txartela ateratzeko. Ekonomikoki maila apalenean daudenek ez dute aukerarik futbol partida bat ikustera joateko, Athleticek ez du sustatzen gurasoak euren seme-alabekin estadiora joatea, eta halere gure herrian Athletic-zaleak dira hamarretik zortzi, ez dut ulertzen. Gainerako biak Madril, Barça edota Milanekoak dira, horiek direlako mass-mediek eskura jartzen dizkigutenak. Gauza bera gertatzen da musikarekin: Maluma, Alejandro Sanz, Amaral… Beste ereduren bat ezagutzeko aukerarik ez badago, jazza esaterako, ez du jarraitzaile asko erakarriko.
Heziketa oinarrizkoa dela uste duzu?
Bai. Hamabost urterekin eskolatik antzerkira joatea kaka zahar bat ikusteko, drogen aurkako antzezlan bat adibidez, ba… nik porroak erretzen jarraituko dut, eta obra hori ikusi ostean gehiago agian. Futbol sarrerak 40-50 euro balio du. Zenbat kultura kontsumitu daiteke diru horrekin?
Zuzenekoen kontua ere behar da aipatu. Berri Txarrak, Su Ta Gar edota Fermin Muguruzagatik dirutza ordaintzen da. Sekulako artistak dira, baina… Zu zoazenean, antolatzaileek: "400 euro gehitxo dira, 100 emango dizkizuegu eta afaltzeko solomo bokatak; eta bafle hau eta hura kenduko dizkizuegu". Horrela ez da kultura sortzen.
Raparen munduan Los Chicos del Maíz taldea daukagu. Jendeak dio: "Gauzak diren bezala esaten dituzte". Noski. Guk ordea ezin ditugu horrela esan, kartzelara joango ginatekeelako. "Haiek, Valentziarrak izanik, kontzientzia dute". Txo, gu Txurdinaga, Sestao eta Barakaldotik gatoz, zer diozu kontzientziaz? Ez daukagu beste aukerarik gauzak metafora bidez eaatea baino, poesia baliatuz. Horri ez zaio nahikoa balio eman eta, aldiz, Los Chicos del Maíz bilakatu da euskal gazteriaren ordezkaria. Ezin gara kontzertuetarako baldintzekin etengabe tratuan aritu. Quilombo diskoarekin (2011) jauzia eman genuen kalitate aldetik eta, halere, bi urteko bira bukatuta, Juanito Laguna (2015) grabatzen hasterako 50 euro genituen. Ez da jasangarria.
Liburuaren hitzaurrean futbol zelaira hurbiltzearen liturgiaz mintzo da Beñat Zarrabeitia.
Athletic-zale amorratuak gara. Inoiz deitu izan digute kontzertua emateko eta guk ezetz, ordu horretan partida dagoelako San Mamesen. Bazkidea naiz eta liturgia hori, lagunekin bildu eta poteoan ibiltzea, ez didate kenduko. Ibon taldekidea Sestao Riverreko bazkidea da eta Las Lllanas zelaian ere izan gara. Sestaok ez du zerikusirik futbol modernoarekin, ez bada punk mugimenduarekin, immigrazioarekin… Futbol taldeek herria ordezkatzen zuten lehen, haien izaerak bat zetozen; gaur egun, ordea, klub guztiek emaitzari begiratzen diote eta patroi bera daukate.
Badira ordea salbuespenak.
Hala da. Eskertzekoa da Ingalaterrako edota Alemaniako talde batzuen joko dibertigarri eta alaia. Ezkerraren helburua da zoriontasuna denona izatea, eta zenbaitetan, futbola, jokoa, ezkertiarra izan daiteke.
"Gizartea hasi da futbolariak tratatzen rock izarrak bailiran; halere, balore eta jokabide batzuk bete behar dituzte", diozu liburuan...
Esan nahi dut rock izarren kasuan gauza batzuk zilegi direla, barkatzen dizkiegula, eta futbolarien kasuan ez. Horrekin loturik, futbolariak uneoro dabiltza arrisku edo inprobisazio egoeran. Munduko Txapelketako partida bateko azken minutuan falta bat jaurti eta gola sartzea... latza da. Futbola da inprobisazioaren tenplua, kontzertuz kontzertu zoaz gauzak asmatzen.
Gaur egun futbol zelaietan bada lekurik inprobisaziorako?
Geroz eta gutxiago. Aurrekoan 21 urtez azpiko Espainiako selekzioaren partida ikusi nuen. Saulek hiru gol sartu zituen, baina jendeak Ceballosen jokoa txalotu zuen bereziki, sekulakoak egin zituelako. Ohiko gidoitik irten eta gauzak ongi ateratzean txalotu egiten ditugu kirolariak, baina hanka sartuz gero… Gogoan al duzu Munduko Kopan Zidanek "panenka" estiloan sartutako penaltia? Bere marka historiarako laga zuen. Baina, eta huts egin balu?
Argentinan bizitakoak jaso dituzu liburuan. Futbola desberdin sentitzen al dute han?
Futbola erromantikoagoa da. Hego Amerikako historiak benetan gogorrak dira. Batzuek ez daukate familia duintasunez elikatzeko modurik ere. Sinestezina da egoera horretatik goi mailako futbolaria ateratzea, penaltia sartuko duena 80.000 lagunen aurrean artega jarri gabe. "Maradona galbidean jausi zen", diote batzuek. Ezagutzen al duzu bere benetako historia? Nola ez da ba galduko? Aitak egun osoa lanean pasatzen zuen eta halere jatekoa urri haien etxean. Bat-batean etxe bat, bi, jainkoen pareko trataera, lesioak, maldan beherako bidea, gorantz gero, beherantz berriz ere… Eta nork lagundu dio? Nor ez litzateke egoera horretan galduko? Ni behintzat bai.
Futbola irtenbide bilakatzen da askorentzat, ez derrigor profesionaletara heltzen direnentzat. Esan nahi dut gizarte hobeagoa lortzeko tresna baliagarria izan daitekeela.
Hezitzaile moduan, adin txikiko umeak dituzten familiekin egiten dut lan nik, eta egia da futbolaren bitartez hainbat gauza landu daitezkeela: talde-lana, garaipen eta porroten kudeaketa, esfortzua, osasuna, elikadura… Eta berdin musikarekin. Rap tailerretan landu izan ditut eskola-jazarpena, feminismoa, errespetua… Rapa herriarena da, horregatik jaio zen Bronxen, edonork edozein momentutan erabili zezakeelako. Baloreak transmititzeko tresna eraginkorra da. | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.