id
stringlengths
17
47
source
stringclasses
54 values
license
stringclasses
15 values
lang
stringclasses
1 value
url
stringlengths
17
329
title
stringlengths
0
653
author
stringlengths
0
499
date
stringlengths
4
20
text
stringlengths
20
2.08M
domain
stringclasses
7 values
argia-bf518fedb93b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/zerk-gidatzen-du-inurri-talde-baten-mugimendua.html
Zerk gidatzen du inurri talde baten mugimendua?
Joxerra Aizpurua
2015-05-10 00:00:00
Zerk gidatzen du inurri talde baten mugimendua? Alemaniako ikerlari talde batek inurri multzoen higidura aztertu berri du, baita ondorio harrigarriak atera ere. Ikerlana The Science of Nature aldizkarian argitaratu dute. Behatu dutenez, habiatik elikagaiak dauden tokiraino joateko abiadura %50 motelagoa da alderantzizko ibilbidea egiteko baino. Zenbat eta inurri gehiago ibilbidean, orduan eta azkarrago higitzen dira, estropezurik egin gabe gainera. Halaber, zenbat eta inurri gehiago, zabalagoa da hartzen duten eremua, beti ere helmuga berera heltzeko. Bidean bi inurrik topo egiten badute, une hori informazioa trukatzeko baliatzen dute. Elikagaia aurkitu bitartean ia abiadura konstantean egiten dute ibilbide osoa, baina behin jatekoa atzemanda, habiako elementu guztiak helburu berarekin hasten dira lanean. Lehen banatuta zegoen tropela batu eta ezagutzen ez dugun logika aplikatzen hasten da. Logika horrek ez du zerikusirik gizakiok autobideetan, adibidez, erabiltzen dugunarekin; hor, zenbat eta automobil gehiago, orduan eta motelagoa da abiadura. Ikerlarien helburu berria da inurrien logika ulertu eta gizakiaren eremura ekartzea.
news
argia-43ac52c10f20
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/frackinga-erromatar-inperioan.html
Frackinga Erromatar Inperioan
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-05-10 00:00:00
Frackinga Erromatar Inperioan Metulae (Hispania), K.a. 26. Oktavio Augusto enperadoreak diru premia larria zuen Iberiar penintsularen iparraldeko tribuen aurka egiten ari zen kanpaina finantzatzeko, eta egungo León probintziako Bierzo eskualdean meatze-eremua ahalik eta modu eragingarrienean ustiatzeko agindua eman zuen. Horretarako ruina montium edo mendiak behea joarazteko metodoa erabiliko zuten, meatzaritza sistema tradizionala baino askoz azkarragoa. Meatokiaren kokalekua zehaztu ondoren, hainbat zulo eta tunel hondeatu eta, ibaien ibilgua desbideratuz, hobi haietan barrena ur-emari bortitzak isurtzen zituzten. Hobi-sareko airea konprimituta, eztanda egiten zuen. Lurra berehala hondoratzea eragiten zuen horrek eta, hala, metal preziatuak agerian eta askoz eskuragarriago geratzen ziren. Sistema hori erabiliz, erromatarrek 1.500 tona urre erauzi zituzten gaztelaniaz Las Médulas izena duen eremuan. Ruina montium metodoak ingurumenean zuen eraginak ez zituen antzinako erromatarrak kezkatzen eta, gainera, meatzaritza-teknika horrek eragindako lurrikarak ez zituzten zuzenean jarduerarekin lotzen; jarduera sismikoa jainkozko fenomenoa zen haientzat. Dena den, kalteak ez ziren inola ere egungo frackingak eragiten dituenaren parekoak. Zulo kopuru handiagoa induskatu arren, askoz sakonera txikiagoa zuten. Eta zuloetan barrena ura besterik ez zuten isurtzen, hau da, substantzia kimiko toxikorik ez zuten botatzen eta, hortaz, akuiferoak ez zituzten kutsatzen. Ezin da ukatu estetikoki paisaia bakan eta berezia izan zela jardunaren emaitza; 1997an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen Las Médulas. Paisaia ederra, ordea, ez zen soilik naturaren sakrifizioz zizelkatu, meatokian milaka esklabo hil baitziren. Plinio Zaharrak (K.o. 23-79) Naturalis Historia lanaren 33. liburukian jaso zuen metodoaren ausarkeria: "Itsas hondoan perlak eta purpura bilatzea baino arriskutsuagoa da lur hauetatik urrea ateratzea".
news
argia-1e1babbaa52a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/gure-hildako-guztiak.html
Gure hildako guztiak
Myriam Garzia
2015-05-10 00:00:00
Gure hildako guztiak Su izan nahi. Taldea: Metrokoadroka. Antzezleak: Oier Guillan, Javi Barandiaran, Asier Sarasola, Idoia Beratarbide, Ander Fernandez. Hurrengo emanaldiak: maiatzak 5 (Zumaia), maiatzak 16 (Gasteiz), maiatzak 29 (Azpeitia), ekainak 21 (Orereta), uztailak 18 (Ea). Ikusleak banan-banan goaz sartzen areto barrura. Dagoeneko, antzezlana hasia dago. Nork bere lekua bilatzen duen bitartean, eszenan, hileta-elizkizuna izan daitekeena aurrera doa. Latinez ari da apaiza, letania baten antzera, hildakoa erdian, familia eta lagunak malko artean. Hasi da teatroa, ikusleok ez dakigun arren. Su izan nahi: hildakoak, senideak eta maskotak antzezlanak, Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Poza: zergatik dantzatzen dute bosniarrek? aurreko antzezlaneko kideak bildu ditu berriz ere. Kolektibo honek ohikoa duen moduan, gorputzaren erabilera, poetikotasuna, performancea, musika eta margogintza bezalako diziplinak nahastuko dituzte oraingoan ere, beti, teatroa dutela bide eta helburu. Antzerki postdramatikoa deitu izan diote kritikariek Metrokoadroka bezala aritzen diren lanei, dramaz, istorioaz edota fikzioaz harago, teatro gehiago dagoela esateko. Antzerki postdramatiko honen ezaugarrietako bat benetakotasuna dugu: Oholtza gainean daudenak ez dira testu jakin bateko pertsonaiak, pertsonak baizik, nahiz eta aktoreak izan eta antzerkiaren magian erabat murgilduta egon. Metrokoadrokak sormen kolektiboa du oinarrian eta, Su izan nahi antzezlanean aktoreak euren esperientziatik abiatuko dira, kasu honetan, Javi, Oier, Axi, Idoia eta Anderrek euren hildako guztiez hitz egingo digute. Ez hori bakarrik, teatroaren metafora erreminta nagusi, Javi da Javi, Oier da Oier... euren benetako izenaz eta izanaz arituko dira taula gainean. Antzerki garaikidea eta berritzailea dugu Su izan nahi . Eszena den kutxa beltzaren laugarren horma eraistea dute helburu, nolabait gonbita luzatuz: "Igo zaitez oholtzara eta kontaiguzu zeintzuk diren zure hildako guztiak". Gogoa ematen du. Atrezzo nagusia hiru eserlekuko butaka ilara dugu, eurek ere publikoak duen jarrera berenganatzeko aproposa. Horrela, parez pare, antzezleek publikoa txalotuko dute, zuzen-zuzenean ariko dira ikusleekin eszena eta butaka-patioa banatzen dituen lerro mehea urratuz; eta naturalitate osoarekin azalduko digute zer gertatuko den hurrengo eszenan. Hala ere, ezin daiteke esan, antzezlan honen muina heriotza bera denik, bizitzari egindako kantu eder eta poetikoa baizik. Eta horregatik bakarrik merezi du arreta. Umorea erabiliko dute, nahiz eta, zenbait unetan, kontakizuna gogorra izan. "Ez da ohiko komedia eta, batzuetan ikusleak ez daki noiz barre egin behar duen edota noiz dolua sentitu", esan digu Javi Barandiaran aktoreak antzezlanaren ostean. Su izan nahi Loraldia Jaialdiaren baitan ikusi ahal izan genuen, Pabiloi 6 aretoan. Euskal sorkuntza ardatz izan duen jaialdiak euskara eta euskal kultura ohikoak ez diren Bilboko areto eta espazioetara erakarri ditu –adibidez, Uxue Alberdi eta Oihana Bartraren bertsoak entzun ahal izan ziren Guggenheimeko entzungelan–. Pabiloi 6 aretoa bete egin zen, jaialdiak antolatutako beste ekitaldiak bezala. Alegia, euskal sorkuntzak berdin betetzen duela antzokia. Bertako kudeatzaileei zer pentsa eman ote zien jakitea gustatuko litzaiguke.
news
argia-c3180571fc32
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/alkateak.html
Urretxu eta Zumarraga, herri bakarra zenbait arlotan
Mikel Asurmendi
2015-05-10 00:00:00
Urretxu eta Zumarraga, herri bakarra zenbait arlotan Mikel Serrano (Urretxu, 1972) eta Oihane Zabaleta (Zumarraga, 1979) elkartu ditugu. Jaioterriei begiratuz gero alderantziz badirudi ere, Zumarragako eta Urretxuko alkateak dira hurrenez hurren. Ingeniari teknikoa eta PSE-EEko kidea da lehena. Humanitateak eta Enpresa zientziak ikasia eta EH Bildukoa bigarrena. Bi herriak elkarganatzeko bi soslai. Udal hauteskundeak dira hil honen 24an. Legealdi honetako balorazioaz batera, emaguzue alkate izaten segitzeko pare bat arrazoi. Mikel Serrano: Bat, Zumarragan eraldaketa oso esanguratsua ezagutu dugu azken bi legealdietan. Adibidez, euskararen erabilera asko igo da. Kike Amonarrizek –ETBko Tribuaren berbak saioa dela eta– hori berretsi zidan. Bi: duela 10 urte egon gabe izan direnek herria argiago ikusi dute. Antioko Interpretazioa Zentro berri hau [bertan egin dugu elkarrizketa] lekuko. Balorazioa, laburrean: 80 proiektu gauzatu dugu. Ez dut uste Gipuzkoan beste herri batek halakorik egin duenik. 11 milioi euroko inbertsioa egin dugu, udal-kutxa baldintzatu gabe. Proiektu asko gauzatzeko aukera dugu ekonomia saneatua dugulako. Oihane Zabaleta: Nik gogoratu nahi dut, konpromisoz sartu nintzela udalean, Rubalcabaren ilegalizazioa medio [Espainiako Barne ministro ohia, PSOEkoa] beste batzuek ezin zutelako aurkeztu. Niretzat instituzioetan, kalean edo enpresa munduan lan egitea, herriaren alde egitea da. Instituzioetan ari naiz orain, baina ahaztu gabe nondik natorren, kalea ahaztu gabe. Balorazioaz, berriz: legealdia zaila izan da, krisialdi ekonomikoak gogor astindu gaitu, baina, aldi berean, ereduen talka barneratu behar izan dugu, ez garela lehenengora bueltatuko kontzientzia hartu dugu. Zumarragak garabiak mugitu ditu. Guk ez, ez dugulako izan finantziaziorik azpiegitura handiak egiteko. Aldiz, eredu bat sortzen ari gara herritarrekin: parte-hartze prozesua. Segitzeko arrazoiak: udal talde oso onarekin jarraitzeko, eta Urola Garaia eskualdeko herriekin (Legazpi, Ezkio-Itsaso) epe luzeko proiektu estrategikoak bururatzeko. Euskalgintzaz zer duzue esateko? M. Serrano: Euskararen erabilerari buruz badaude topiko batzuk. Adibidez, Urretxu askoz euskaldunagoa dela Zumarraga baino. Euskararen erantzukizunak udal barneko planek markatzen dituzte. Udalaren barne erabilpenean aurrerapauso esanguratsuak eman ditugu. Pausoak ez dira orotara nahiko genuke bezainbat, baina Zumarragan euskararen gorakada nabaria da, eta hori ez da behar bezala plazaratzen eta baloratzen, oihartzun handiagoa ematen zaio erabilera hazteari Urretxun Zumarragan baino. Bi herriok garatzen ari garen planean elkarrekin aritzea errebindikatzen dut. Kaleko erabilera %5 igo da, igoera bi herrietan eman da, zentzu horretan herri bakarra gara. O. Zabaleta: Zumarraga-Urretxun  baditugu identifikatuak, modu baikorrean, hizkuntza komunitate espazio berriak. Euskalduntzen ari diren gurasoen seme-alaben kasuan, transmisio prozesuan, bi herriak batera ari gara. Euskalgintza foro bakarra sortu da. Hala ere, ni ez naiz hain baikorra. Badaude, nahitaez, gure barrutian jartzen dizkiguten mugak, Madriletik edo Gasteiztik Urkijo jaunak ezarriak. Adibidez, Euskararen Legeak edota UNESCOk baieztatzen dituen hizkuntza eskubideak, baina praktikan oztopoak direnean ez dugu hitz egiten gatazka linguistikoari buruz egoera konfortagarrian egon nahi dugulako. Ez dugulako onartu nahi, autokritika eginez, etxe barruan ditugun elebakartasunaren miseriak. Euskalgintzan aritua naiz, eta arlo politikoan eta lidergoan ari diren kideek jakiteaz harago hitz egitea nahi dudalako. Politikariok eredu izan behar dugu, baina kontraesanak ikusten ditut. Mikel euskaltzalea da, euskaraz oso ondo egiten du eta errazten ditu bide horiek. Baina, joko bikoitza dago. Alderdi sozialistako hainbat kidek Mankomunitateko aurkezpenak mugarazi nahi dizkidate: "Hitz egin erderaz" esaten didate. Ez dute lortzen burugogorra naizelako. Beraz, gatazka linguistikoa bizi behar izaten dut. Mikel eta biok euskaraz egiteak errazten dizkigu hainbat gaietan hobeto ulertzea. Erdaraz ez nuke berarekin dudan harreman gertua. Ausartagoak izan behar dugu ezta, Mikel? PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak euskara intimitaterako hizkuntza dela dio. Zumarragako alkateak? M. Serrano: Nik euskara ama hizkuntza izanda –amamarekin daukat intimitateko lehen erreferentzia– bizi izan dut intimitatean, hala ere, Zumarragako alkateak euskara egunero erabiltzen du bere zereginetan. Etxetik irten eta lehen unetik euskaraz mintzo naiz. Halaber, herritarren harremanak udalean ziurtatuta daude euskara hutsean egiteko. Nik euskara erabiltzen dut bizitzaren esparru guztietan. Urretxuko alkateak herritarren parte-hartzea aipatu du. Nola landu duzue aukera hori?    O. Zabaleta: Parte-hartzea hitza  klixea bihurtu dugu erabiltzearen poderioz. Nik mekanismoak eta parte-hartze prozesu integralak ezberdintzen ditut. Parte-hartzea ekintza izan daiteke. Proiektu bat dago eta herritarrei ematen zaie aukeratzeko. Mekanismo oso demokratikoa da. Herritarrek aukeratzen dute eta euren ekarpena errespetatua da. Baina, guk sinesten dugun parte-hartze prozesua beste bat da, prozesuaren hastapenetik sortzen diren kezketatik abiatuta gauzatzen dena. Diseinutik hasita, ondoren sortzen diren gorabeherak konpartituz, ekintza plana herritarrekin beraiekin egiten dugu. Prozesu integrala hori da, hori hartzen dugu bere osotasunean. Urretxun abiatu genuen 2012an parte-hartze prozesu integral moduko hori, jakiteko herritarrek benetan politikan parte hartu nahi duten edo ez. Ze, noski, mekanismo asko jartzen dugu martxan, bilera asko, eta herritarren ahalmentze hori bideratzeko oso prozesu geldoa da. Guk auzoka eta sektoreka bideratu dugu prozesu integrala. Alkateordea eta alkatea joan gara, auzokideekin hitz egitera. Baina kuriosoa da, Aparizio auzoan ez gaituzte ezagutu. Niri hau esan zidaten: " Yo soy mas vasca que tú, porque llevo 40 años viviendo aquí, y tu no tienes ni treinta. A ver cuando viene el alcalde ". Esan nion alkatea nintzela. Beraz, kalera atera eta konfiantza irabazi behar duzu. M. Serrano: Parte-hartzeari buruzko prozesuak EH Bilduk antolatutakoak izan dira gehienbat. Dena den, aurreko legealdian, Foru Aldundiak bideratuta eta Mondragon Unibertsitateak sustatua, oso ekitaldia indartsua izan zen. GI-631 errepideko (Azkoitirako bidea) ekimenean parte-hartze prozesu sakona egin zen, Zumarraga-Urretxuko jendeak parte hartu zuen gogoz. Hainbat prozesu, mugikortasunaren inguruan eta kultur ekimenetan landu ditugu bi herriek elkarrekin. Baina, egiari zor, edozer gauzetarako ez dira bideratzen ahal. Esanguratsuak direnak bai, baina, errespetu osoz esanda, ez paperontziak jartzeko. Zaborrak nola kudeatzen dituzue? O. Zabaleta: Urretxu-Zumarragak sistema bera dugu. Nik ez nuke onartuko Urretxuk Atez Ateko sistema edukitzea eta Zumarragak ez. Baliabideak batera erabiltzen ari gara. Biok dauzkagu edukiontzi marroiak, ez dugu gatazkarik izan –Legazpik [ondoko herriak] nahikoa izan du–, ez Atez Ateko sistema txarra delako, baizik eta, batez beste, menperatzen ez dugun inguruan bizi garelako, gobernatzen dugun herritar multzo handiak ez digulako beste sistema jartzen uzten. Beraz, herrian ez ditugu nahiko genituzkeen aurrerabideak garatu. Uneon %46 birziklatzen dugu, Gipuzkoako maila txikienetakoa da. Beraz, autokritika egin behar dugu eta helburuak jarri. 2020rako Europak jarritako %60ko helburua lortu behar dugu. Hori egiteko zer egin behar dugu bi herriek elkarrekin? Nik sistemaz harago, kontsentsuzko sistemari ematen diot lehentasuna. Guk gutxiengoan gobernatzen dugunez, ez dugu Atez Atekoaren alde frenetikoki egin. Baina ezin dugu ere horrela jarraitu.   M. Serrano: Herrien kasuistika ezberdina da, baina alderdi sozialistak Zumarragan gutxiengoz gobernatzen du. 17tik 8 zinegotzi gara. Zuek 13tik 6 zarete. O. Zabaleta: Baina programatikoki PPren sostengua duzue. Berdintasun Batzordea eman diozunetik, gehiengoa daukazu. M. Serrano: Aurreko legealdian EAri eman genion eta ez zegoen Udal gobernuan. O. Zabaleta: Pertsona inteligentea zara, eta PPrekin gutxieneko egonkortasun iraunkorra lortu duzu.   M. Serrano: Zentzua erabili dut, akordioaren aldekoa naizelako. Oihanerekin ados nago, baina zaborren kudeaketan legealdia galdu dugu. Gipuzkoan eta Sasieta Mankomunitatean gertatua inposaketa da. Bildu urrunegi joan da gehiengoa duelako. Mankomunitateak dituen eskumenak udalek emanak dira, baina Udalaren osoko bilkurak ez badigu agintzen ez dugu Atez Ateko sistema jarri behar. Mankomunitateak ez du eskubide hori, baina Bildurekin aurkako planteamenduak ditugulako ika-mikak izan ditugu. Gipuzkoan nola heldu dioten legeari ez dut ulertzen, legeak garrantzia handia baitauka zaborren kudeaketan. Udal politika zaborraren kudeaketaren inguruan pibotatzea ez da bidezkoa, ezta Gipuzkoa, 700.000 biztanlerekin, munduko paradigma izatea zabor bilketan. Errauskailuaren aferaz zer diozue? M. Serrano: Errauskailua zikloren itxiera da. Atez Ateko bilketa sistema bat da, eta sistema hori ez da itxita gaur egun. Hondakinen plana edo PIGRUG delakoa indarrean dago. Errauskailuak ez luke soilik errauskailu izan behar. Errauskailuak bakarrik erre egiten du, eta planta horrek energia sortzeko baliabideak ematen ditu. Energia Balioztatzeko Instalazioa deitzea hobe, nik uste. Noski, beharrezko dimentsioetara egokitu behar da, eta ez hasieran proiektatu zena gauzatzera. Kontzeptualki baten eta bestearen aukerak baloratu beharko lirateke, eta zabor sistema mistoak ere erabili daitezke. O. Zabaleta: Praktikotasuna behar dugu. Duela zortzi urte entzun genuen diskurtsoa ari da moldatzen, baina euskaldunon egoskorkeria gainditu duenik ez dago. Martxan jarritakoari muzin egin, autokritika egin eta berria egitea izugarri kostatzen zaigu euskaldunoi. Euskal gatazkaren edo AHTren inguruan, adibidez. Gure barrura begiratu eta umiltasunez egin nahi duguna argi eta garbi esan dezagun. AHT eskualdetik pasako da, zer iritzi duzue? O. Zabaleta: Eskualdeko planean  Oportunidades del TAV deituriko txostena zegoen. Plan estrategikoa landu genuenean, gu aukerak ikusi baino diagnostikotzat hartu genuen. Dena dela ere, gustatuko litzaidake Mikel eta biok gure diskurtsoa mahai-gaineratzea eskualdean. AHTk 10.000 milioi euro gastatu ondoren, beste lau mila behar direnean, ez dakigu norentzat izango den, ezta zertarako erabiliko den. Geure lanketa egin nahi nuke eta dagoena zertarako erabili izango dugun jakitea. Bideragarria eta jasangarria ez den tren horrek, Donostiatik Bilbora 55 minutu beharko ditu, autobusak baino 10 minutu gutxiago. Proiektua egoskorkeria da. Erdia eginda dago eta ez da berandu ariketa egin dezagun, zertarako erabil dezakegun ikusteko, kontsentsuz. M. Serrano: Nik AHT aukera bezala ikusi dut beti. Inbertsioak inbertsio, ez dut uste Jaurlaritzaren aurrekontuak desengonkortu ditzakeenik, finantzazioa Estatutik datorrelako, Kupoa tarteko deskontuak egiten direlako. Azkenean, estrapolazio horretan, Euskal Herriko hegoaldean Estatuak inbertitutako dirua izango da. Niretzat proiektua atzeratzen ari da, Frantziakoarekin nola lotuko den ikusteko zain gaude. Oihanek aipatu barne mugikortasunerako aukera hori izateko ere berandu ikusten dut.    Bake prozesua nola ikusten duzue? M. Serrano: Bake prozesurik ez dago. ETAk desegiteko eman behar dituen urratsak ez ditu eman. Belaunaldi berriek ekarriko dute argi pixka bat eta prozesua bideratzea espero dut. Gogoratu behar da, aurreko legealdian alderdi sozialistak 11 kide zeuzkala Udal gobernuan eta PPk bat. Bizkartzain gehiago ziren zinegotziak baino. Zumarragako PPko Indiano zinegotzia ETAk eraila izan zen 2000an. Ni 12 urtez ibili naiz bizkartzainez, orain hiru urtera arte.   Zer jarrera jaso zenuen inguruan? M. Serrano: Urretxuko zinegotzia nintzen orduan, ezker abertzaleko zinegotzi eta lagun askoren babesa izan nuen. Neurri batean horrek eman zidan aukera lagunak zein ziren jakiteko. Ideologiaz harago, lagunak, lagunak dira edo ez dira. Oro har, pertsona askorekin ez nuen gauza asko konpartitzen, baina haien babesa jaso nuen. O. Zabaleta: Gatazka egoeran gaude, argi eta garbi. Gatazka ikusgarri egin behar dugu. Eusko Legebiltzarrean bideratu den bake prozesuaren zain baldin bagaude motz eta motel gabiltza. Alderdikeriez harago, norberak izan duen esperientziaz harago –nik ere baditut senide eta lagun preso torturatuak – elkarbizitzaz ari garenean, enpatia gune bat eraiki behar dugu. Tokian tokiko elkarbizitza kontatzera eta konpartitzera iritsiko bagina, oso ondo. Oreretako ereduari begiratu behar diogu. Horrek askoz pisu gehiago dauka Legebiltzarrean egiten ari den bake prozesua baino. Herrietatik abiatu behar dugu. Denok pertsonak gara, eta baten mina, samina eta zauria bestearen parekoa da. Gatazkaren kontakizuna konpartitzen ez dugun bitartean alferrik ari gara. Zumarragan eta Urretxun memoria historikoa lantzeko ekimena abiapuntu dugu, alderdi sozialistak eta Bilduk, biok batera. Errekonozimendua egin zitzaion herrian fusilatutako bederatzi herritarri, alderdikeriaz harago, bi udalek antolatuta. Abiapuntua izan zen eta segi dezagun 60ko hamarkadatik hona bi herriotan bizitako gatazka-eremu guztietan gertatua jasotzen. Lanketa serioa egin behar da. Oreretakoa hemen egin daiteke? M. Serrano: Saiatu daiteke. Oinarriak jarrita daude, adostasuna medio, denok bilduta, aurrerapausoak eman daitezke.
news
argia-38bf1fb3bd99
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/sentitzen-dut-varvara-anderea.html
Sentitzen dut, Varvara anderea
Montserrat Auzmendi del Solar
2015-05-10 00:00:00
Sentitzen dut, Varvara anderea Kontzertu Handien Zikloa. Vienako Irratiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Cornelius Meister. Bakarlaria: Varvara Nepomnyashchaya (pianoa). Egitaraua: Schumann eta Brahmsen obrak. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: apirilaren 17a. Etengabe sortzen ari dira han eta hemen piano-izar berriak. Seinale ona da, musika mailan mugimendua dagoela nabaritzen da eta talentu gazte bakoitzak ekarpen orijinalak egiten dizkie behin eta berriro entzuten ditugun obra klasikoei. Aldi honetan, Gasteizko Kontzertu Handien Zikloaren barruan, Varvara Nepomnyashchaya pianista errusiarra entzuteko aukera izan dugu, eta, egia esan, ez gaitu axolagabe utzi. Desberdina da, oso, harrigarria, bere jotzeko era, bere jarrera, dena. Erabat garbi ez dudana da hori guztia onerako ala txarrerako den. Deigarria izan zen lehenengo momentutik bere izaera nerbioduna. Ez zuen urduritasunik adierazten taula gainean, ez zen hori, baina tik-ak zituen, eta, azken batean, deserosotasun punttu bat transmititzen zuen uneoro. Izaera nerbioso horrekin lotuta, arazoak zituen tempo ekin. Azkartzeko joera nabaria du Nepomnyashchayak. Kostatu egiten zaio tempo ari eusten, eta horrek orkestrarekin koordinatzeko arazoak ekarri zituen. Horrez gain, lehen esan bezala, entzuleen artean nolabaiteko antsietate sentsazioa sorrarazi zuen. Berezia, benetan. Schumannen Piano eta orkestrarako La minorreko Kontzertua lan imaginatiboa da, rapsodia modukoa, eta Nepomnyashchayaren eskuetatik pasatuta, beste dimentsio bat hartu zuen. Ez du piano joleak soinu bereziki ederra. Esango nuke ez duela cantabile dotorea. Baina musikari azkarra denez, badaki horri buelta ematen, orijinaltasunez. Ez ditu pianistak goiko melodiak nabarmentzen, azpimelodiak baizik. Bere bertsioa entzuten duzunean, ez duzu ohikoa entzuten. Musikaren barruan dituen harmoniak azpimarratzen ditu, eta baxu boteretsuak egiten ditu. Gustatzen zait hori, asko. Horrez gain, musikalitate fina du errusiarrak, eta horrexegatik Intermezzo. Andantino grazioso bigarren mugimendua ederra atera zen. Orkestrarekin egindako elkarrizketa dotore eta erromantikoa iritsi zitzaigun. Baina Allegro Vivace azkeneko denbora beste kontu bat izan zen. Deskontrolatu egin zuen tempo a, ez zituen modu garbiz adierazi ideia musikalak, eta, laburbilduz, ez zuen biribildu interpretazioa. Pena. Propina bat bota zuen: Chopinen Preludio bat, arraroa, berezia, aldi berean erakargarria. Saioaren bigarren zatian, Vienako Irratiko Orkestra Sinfonikoak Johannes Brahmsen 2. Sinfonia Re maiorrean, op. 73 eskaini zuen. Boteretsu eta adoretsua. Cornelius Meister zuzendari gazteak makila eta gorputz osoarekin zuzentzen zuen taldea, eta taldekideek zintzotasunez jarraitzen zituzten haren aginduak. Eskuzabala izan zen talde austriarra, bis dezente bota baitzuen: Alberto Ginasteraren Malambo , Straussen polka bat eta Brahmsen dantza hungariar bat. Publikoa, txundituta.
news
argia-9b9cb80e15f7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/audiolab.html
Orain, isiltasuna
Gorka Bereziartua Mitxelena
2015-05-10 00:00:00
Orain, isiltasuna "Honaino" izeneko testu batekin esan zuen agur Audiolab soinu laborategiak martxoan. Proiektu bakan horietako bat izan da, erreferentziala bai hemen bai nazioartean. Blogean publikatutako post horretatik harago, 12 urte iraun duen esperientziarekin amaitzeko arrazoiez galdetu diogu Xabi Erkiziari. Grabatzen: "Kasualitate polit horietako bat izan zen", dio proiektuaren hasierari buruzko galdera bat entzun ondoren. "Syntoramak antolatzen zuen Musika Berrien Jaialdiak 13. edizioa egin zuen eta laguntzeko kontratatu ninduten. Beste gauza batzuen artean, Artelekun instalazio batean lan egitea tokatu zitzaidan, artista baten soinuzko sofa batzuei musika jartzen; hemen egiten zen musika esperimentalaren lagin bat. Egun batez Mattin eta Enrique Hurtado lagunak etorri ziren; kafe bat hartu eta zer egin ez genekiela genbiltzan eta esan genuen: 'Goazen hau desentxufatzera, goazen hiru ordenagailurekin gu inprobisatzera'. Baietz, ezetz… azkenean hasi ginen. Eta pixkanaka jendea hurbiltzen, esertzen… eta Enrique kezkatzen: 'Hau ezin da egin, norbait etorriko da, ikusiko duzu'. Ba bai, norbait etorri zitzaigun, ea zer ari zen gertatzen. Santi Eraso zen". Stop. Santi Eraso Artelekuko zuzendaria zen garai hartan. Play. "Azaldu nion berehala bukatuko genuela, lasai, ez zela ezer gertatzen… 'Baina hau zoragarria da', erantzun zuen. Handik astebetera bere dei bat jaso nuen. Esan zidan soinuarekin ez zela ezer egiten Artelekun, ea zer edo zer egingo nuen. Nire kontraproposamena: laborategia sortzea. 2002an izan zen hori. 2003an programatzen hasi ginen eta urte amaierarako bageneukan espazioa. Hortik aitzinera erregularra bihurtu zen proiektua". A ze hasiera. Anekdota hutsa baino gehiago, Artelekuren filosofia erakusten du, Erkiziaren irudiko. Egin diezazkiokezula kritikak, zentroak izan dituela gorabeherak, jakina, eta azken urteetan Txomin-Eneko eraikin barruko dinamika gainbehera etorria zen hainbeste eztabaidarekin –Tabakaleran sartu, ez sartu, gaur bai, bihar auskalo–, etengabeko zuzendari aldaketekin, proiektuari zorigaitzeko kolpea eman zioten uholdeekin… Lokatzaren azpikoari begiratzen dio, hondoa jo baino lehenago zegoen klimari, gauzak egiteko egon zen "sekulako askatasunari". Artelekuren lekukoa hartu duen Kalostrak ondare hori guztia berreskuratuko ote duen zalantzak dauzka, "izugarri publikoa izan den zerbait" galdu dela uste du, nahiz eta ez duen proiektu berria erabat belztu: "Gizarte bakoitzak erabakitzen du pertsona batzuei eskubidea ematea zenbait gauza jorratzeko, besteek landu ezin zituztenak. Grezia klasikoan filosofoak izan ziren eta Arantzazun fraideak. Horiei esker dauzkagu gauza mordo bat, bestela edukiko ez genituzkeenak. Gaur egungo gizarteak bermatu behar lituzke horrelako espazioak? Hori da galdera. Arteleku bazen horrelako espazio bat? Nik uste dut baietz. Kalostra izango da? Izan liteke". Soinu arraroen belaunaldia Historiaren amaieran sartu gara ustekabean eta ibilbidea interesatzen zitzaigun. Rewind. Play. "Ez nintzateke kapaz izango esateko zenbat artistarentzat egin dugun lan… zientoka. Artelekuren barruan egoteak Audiolab erreferente bihurtu zuen". Aurrekontu txikiko erreferentea: Erkiziak baieztatu duenez, inork ez du sekula soldatarik izan soinu laborategian; eta urtero 30 ekitaldi inguru antolatu dituzte 5.000-15.000 euro arteko diru-poltsarekin. Inporta duten zenbakiok? Horrelako proiektu baten balioa horrela neurtzen al den? Galdera gehiago dauzkagu. Zenbat balio du Eddie Prévostek 2003an Artelekura ekarri zuen No sound is innocent tailerrak? Ez erantzun eurotan, beste zerbaitek axola du. "Benetan, abiapuntu bat izan zen", dio Erkiziak. Bazebilen jendea musika esperimentalarekin hemen, batzuk erabat murgilduta, beste asko interesatuta, nondik hasi ez zekitela. Elkartuko zituen zerbait falta. Eta Audiolaben tailerrek funtzio hori bete zuten. "Ikusten dituzu argazki zaharrak eta, jo…", gelditu egiten da momentu batez, zerbait gogoratu nahian bezala; eta badator berriz, "orain bai, orain ikusi egiten duzu: garai hartan ez zinen kontzientea, hor zeuden Mursego, Xabi Strubell, Joseba Irazoki, Iñigo Telletxea, Mikel R. Nieto, Oier Iruretagoiena, Miguel Angel Garcia, Héctor Rey, Jon Mantxi, hasieran Oreka TX-eko jendea ere bai, Makala, Javi Pez, Iban Urizar…". Belaunaldi oso bat markatu dute inprobisazioari buruzko tailerrek bere ustez. Kariño bereziarekin gogoratzen ditu Jean-Luc Guionnetek eta Matthieu Saladinek emandakoak ere. Eta proiektu izaera markatuagoa zeukaten MRB jardunaldiak: soinuarekin lotutako ideiak, egitasmoak eta lanak partekatzeko eta eztabaidatzeko baliatu zituzten. Parte hartu zutenei galdetuz gero klima bereziaz hitz egingo dizute, "borborka zegoen zerbait" aipatzen dute. Soinuaz jardun zuten, bai, baina ez mundutik deskonektatuta, aztergaietako bat musikak eta zaratak tortura tresna gisa bete dezaketen funtzioa izan baitzen, adibidez. Tesi gabeko ikerketa Gauza asko izan da Audiolab eta beste gauza asko ez. Adibidez, ez da izan egitasmo zurrun bat. "Orain badirudi proiektu guztiek izan behar dutela tesi izaera", kexatu da Erkizia. Bestelako eredua izan da beraiena: laborategia. Eta, ados, kontzeptu hori ere "modan" egon zela dio, gero gurpil zulatua bezala hustu zela, arte munduko beste joera askori gertatu zaien antzera; baina edonola, laborategiak proiektu zehatz bat eduki gabe, esperimentu ugarirako aukera eskaintzen duela uste du. Baita norabide desberdinetan egindako saiakerak pilatuz, gauzak hartzen duela azkenerako "halako izaera bat", partaideei lau hormaren artean itxi gabe aurrera egiteko posibilitatea eman diena. "Ez genuen ghetto berri bat sortu nahi, horregatik beharrezkoa zen irekitasuna. Fonografiarekin lan egiteak, alde horretatik, beti eduki gaitu bertze leku batean", azaldu du beratarrak. Puntu hori zehazteko eskatzean, Audiolaben lan egiteko moduaren gako bat eman du. "Azkenean, zure inguruneko soinu guztiekin ari zara lanean eta denak du balio berdina". Lehengai gisa soinua bere gordinean hartzeak ohiko musika-ikerketan pentsatzen zailak ziren bideetatik eraman ditu, funtzio estetikotik harago dauden soinu-erabilerak deskubritzeraino –azken lanetako bat Donostiako zarataren mapa da, hiriko gida turistiko ezohikoa gune eta momentu zaratatsuenak zein diren identifikatu dituena–. Arriskuak ere baditu lan egiteko molde horrek, Erkiziak aitortu duenez. "Ez dago metodologia finko bat, zaila da erabiltzen den metodoa martxan jarri duen pertsona ez dagoenean lanean segitzea. Alde horretatik autokritika egin behar dut, aunitz pertsonalizatu dudalako agian". Ertzen bila Soinu ikerketaren ikertu gabeko oihanean sartu ziren garaian, nazioartean ez zegoen aparteko dokumentaziorik kontuari buruz. Azken urteetan ugaritu da izugarri tematika hori jorratzen duen bibliografia, musika esperimentalaren inguruan metatutako indar pila bat sound studies delakoetara zuzendu delako. Audiolabek olatu horrekin bateratsu egin du aurrera, eta atzerritik jaso duten arretan sumatu da. Noise & Capitalism liburua argitaratu zutenean ikusi zuten: liburua saldu beharrean, elkartruke bidez funtzionatzea erabaki zuten, "zuk bidali zure publikazio bat eta guk bidaliko dizugu liburua" tratua eginda. 2009an zen hori. Liburua aspaldi agortu zen, baina gaur egun oraindik berrargitalpenei buruz galdezka hurbiltzen da jendea atzerritik. Soinu ikasketak ildo minoritarioa izango dira oraindik akaso, baina esparru interesgarria dira hausturaren bat eragin nahi duen edozein pertsona edo kolektiborentzat. "Zer da musika eta zer zarata?" galdera mahai gainean jartzen den bakoitzean "zer da normala eta zer ez?" galdetzen baita. Eta horrek inplikazio politiko handiak ditu. "Iristen da momentua, musika batek leku konkretu batean ez duena inolako sorpresarik eragiten. Musika kontserbadorea bihur daiteke, erreakzionarioa ere bai. Nik uste dut soinuak orokorrean etengabe bizi duela eztabaida hori, berezkoa du, ezin duzu enkapsulatu, kontrolatzeko zaila da, eta kontrolatzen duzunean ere beti eztabaidak sortzen ditu". Audiolabek eztabaida hori gertatzeko espazio bezala agur esan du. Ikusi behar Tabakalerako proiektuak bere baitan hartuko duenentz. Ez itzali grabagailua badaezpada. Pause.
news
argia-7b0515d1dc99
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/milioi-bat-iheslari-europara-jauzi-egiteko-borrokan.html
Milioi bat iheslari Europara jauzi egiteko borrokan
Pello Zubiria Kamino
2015-05-10 00:00:00
Milioi bat iheslari Europara jauzi egiteko borrokan Zorigaiztoko 2015a Mediterraneoan: dagoenekoz 1.700 etorkin baino gehiago ito dira Afrika eta Asiatik Europarako itsasbidean. Europar Batasunak Frontex zen operazioari –etorkinei bidea ixteko antolatua– Triton izena ipini dio eta Italiari laguntza handitu. Baina milioitik gora jende gehiago iritsiko da nola edo hala datozen urteetan Europara. "Etorkinekiko errukia duten liderrak nahi ditut" idatzi du David Walker Manchesterreko apezpiku anglikanoak The Observer egunkarian. "Bultzatuta datoz etorkinak Europara, ez erakarrita. Sorterrietatik ihes egitera behartu dituzte gerrak, terrorismoak eta gutxiengoekiko jazarpenak. Etsitako biktimatzat hartu ordez horiek nahitara ari diren gaiztagintzat tratatzen dituen erretorika politikoa ez da bidezkoa eta gezurretan ari da". Walkerrek Erresuma Batuari eskatzen dio bere gain har ditzala berak parte hartutako gerra eta erasoen kalteak: "Atzerrietan gure herrialdeak egindako esku hartze ugariek berekin eraman behar dute guk parte hartu dugun gerren biktimak geure etxean hartzea babes eskubidea daukaten errefuxiatu gisa". Ez da segurua Britainia Handiko apezpikuari kasu handia egingo diotenik Britainia Handiko giristinoek. Ezta ere ingelesekin Irak, Siria, Libia eta beste bazter askotan gerran ibili diren herrialdeetakoek, Euskal Herrikoek barne. Han bezala hemen gogaikarriak dira urrutietatik bertakoei ustez lana eta bizimodua kentzera datozen jende kolore beltzaranekoak. 2000tik 2013a bitartean 22.000 iheslari ito dira Mediterraneoko uretan hondoraturik, Wikipediaren arabera. 3.073 daude kontabilizatuak 2014an. Larritzekoa bai, ez ordea harritzekoa. Iaz bertan 280.000 etorkin sartu zen ilegalki Europan eta Balkanetan barrena zetozenez landa gainerako 220.000ak itsasoz ahalegindu ziren iristen Europako lehorrera, gehienak (170.000) Italiako kostara. Ez dira gutxiago etorriko datozen urteetan. Nazio Batuen Erakundearen migrazio gaietarako berriemaile François Crepeauk The Guardian egunkariari esan dionez munduko herrialde aberatsek prestatu behar dute datozen bost urteetan milioi bat iheslari siriar hartzeko beren lurretan. Bi multzo handi bereizi ditu Crepeauk hilabeteotan Europara datozenen artean. Alde batetik daude Magrebetik eta Saharaz beheko Afrikatik eten gabe datozenak, hemen lana badela jakinik. Baina hilabeteotako larrialdi humanitarioa bigarren sail baten etorrerak eragin du, gerrari ihesi Siriatik, Eritreatik, Somaliatik eta Afganistandik datozenenak: "Begiratzen badiegu siriar eta eritrearrei, ohartuko gara oraintxe bertan Ekialde Hurbilean daudela kokaturik –Turkian, Libanon, Jordanian eta, eritrearren kasuan Egipton– baina leku horietan etorkizunik ez daukate, hori ere badakigu. Herrialde horiek ez diete utziko gelditzen bertan. Iheslariak harrapatuta daude ez beraiek eta ez beren haurrek etorkizunik ez daukaten lekuetan".  Kontrabandisten lasterketa Time magazinean Ian Bremmerrek nabarmendu ditu Mediterraneoak bizi duen trafiko hilkorraren bost ezaugarri. Lehenik, gatazka politikoetatik ihesi datozenak ugaritu direla. Gutxi batzuek lortu dute NBEren iheslari estatusa, gainerakoek ez dute beste aukerarik ikusten jende-trafikatzaileen eskuetan beren buruak jartzea baino. Gero eta gehiago datoz. Iazko kopuruak %43 gainditu dira apirila artean eta uda ez da iritsi oraindik. Libian bertan 600.000 pertsona daude Europara jauzia noiz egingo zain. Aldi berean, jendea onartu edo arbuiatzeko eskubidea estatu bakoitzak duenez, Europar Batasunako herrialde batzuek nozitu behar dute arazoa –funtsean Italia, Malta eta Greziak– bertan preso geratzen direlako Europako beste lurretara joan nahian ari direnak. Bremmerrek nabarmendu du Turkiaren kasua. Honek bere lurretan 1,6 milioi siriar hartu ditu, Siriatik ihesi joandako jendeen erdiak. Orain artean osasun eta hezkuntza zerbitzuak bermatu dizkie iheslarioi, baina horiek zaintzea oso garestia denez errefuxiatu politiko eskubidea ukatzen die. Horrek Europaranzko uhin berriak eragingo omen ditu. Xenofobiaren igoera da Bremmerrek aipatzen duen bosgarren ezaugarria. Krisi humanitarioa egokitu da 80 urtean Europak nozitu duen atzeraldi ekonomiko sakonenarekin batera. Pew Research Center erakundeak 2014an egindako inkestak erakutsi omen zuen europarren %55ek immigrazioa mugatzea nahi dutela, baina greziarren %86k eta italiarren %80k. Eskuin muturreko alderdientzako pagotxa eta gainerako indarrentzat xenofobia eta populismora lerratzeko tentazioa. Europar Batasunak giza uholde honi hesia jartzea dauka lehenetsita bere estrategiaren atalen artean. Hesi fisikoa Balkanetatik barrena lehorretik zetorren trafikoari jarri zaio, 2012an Grezia eta Turkia arteko muga txarrantxaz gogorturik. Ondorioz, Mediterraneo ertza bihurtu da Europarako atari. Italiak 2013an Mare Nostrum operazioa antolatu zuen, etorkinez zamatutako baporeak aurkitu eta onik lehorreratzeko. 2014an larrialdi humanitarioa berak bakarrik kudeatu ezinean europar guztiei laguntza eskaturik, EBk Frontex operazioa jarri zuen abian, aurtengo hondoratze hilgarrien ostean Triton izenez bataiatu dutena. 2015-2016 urteetarako 120 milioi euroko aurrekontua ordainduz, Triton operazio militarrarekin geldiarazi nahi luke EBk itsasoz datorkion jende oldea. Uraren beste aldetik ari da gizakien kontrabandoan berezitutako mafia indartsua. Policy Forum gunean azaldutako " Unintended consequences " (Uste gabeko ondorioak) analisian datu hau eman dute: Mediterraneoan gizakien trafikoaren kontrabandoak 2014. urtean 1.000 milioi eurotik gora mugitu zituela. Artikulua sinatu duten Marie McAuliffe eta Khalid Koserrek ikerlanerako elkarrizketatu dituzten 273 iheslari 15 herrialdeetatik iritsietatik den-denek aitortzen dute kontrabandistei pagatua zietela Europara iritsi ahal izateko. Garesti pagatu, inork ez 500 euro baino gutxiago, askok milatik gora, 6.000 eurotaraino. Eskaria hain oparoa izanik, kontrabandistek eten gabe berritzen dituzte beren taktikak. Jendeak itsasoratzen dituzte klase eta neurri guztietako ontzietan. Azken aldian gero eta sarriagotan itsas zabalean jitoan abandonatzen dituzte ehunka pertsona zamaontzi handi eta zaharkituetan. Urtarrilean azienden garraiorako eraikitako Ezadeen bapore zaharrean lagata 350 iheslari utziz, kontrabandistek hiru milioi dolar irabazi zituzten. Europarrentzako asko ala gutxi da milioi bat etorkin berri hartzea? Gaur EBn bizi garen 501 milioi biztanleen artean 31 dira EBz kanpoko herrialdeetan sortuak, %6,3. Baina immigrazioen inguruko erreakzioek sortzen duten zalapartarekin askoz gehiago direla irudi luke.
news
argia-6c39053e6d1c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/bernardo-atxaga-eta-manuel-rivas.html
Egun bat Bartzelonan
Aritz Galarraga
2015-05-10 00:00:00
Egun bat Bartzelonan Kataluniako hiriburuan izan dira Bernardo Atxaga eta Manuel Rivas, Unibertsitate Autonomoko euskal eta galiziar lektoreek gonbidatuta, Sant Jordi bezperan. Saio bat eguerdian, bestea arratsean. Baina ez ote zen izan continuum bat, goizean hasi eta gaueko ordu txikietan bukatu zena. Noski, lan orduetatik kanpo esandakoak ez ditugu hemen jasoko. Gaua gauekoentzat. Hauek dira egun argitan esan zituztenak. Atxaga eta Rivas. Rivas eta Atxaga. Bartzelonan. Katalunian. Quim Monzó bakarrik falta zen, anfitrioi, behin eta berriro esan izan den hori errepikatzeko: Espainiako sistema literarioak onartzen dituen idazle periferiko bakarrak, hiru, nazionalitate historiko bakoitzeko bana, elkarren arrimuan. Ez oraingoan literatura periferikoen ordezkari, ez bada elkarri nahi baino arrotzago zaizkion literatura nazionalena. Esan zuen Atxagak, denok uste dugu bizi garen mundua zentrala dela, ez zerbaiten menekoa. Ez dagoela periferiarik, probintzia mailara murriztu nahi gaituztela. Azken batean, zentralitatearen inguruko gatazka dela dena. Baina literatura nazionalen ordezkari ere, ez dakit bada. Hasteko, ez zirelako etorri enbaxadore lanak egitera. Enbaxadorea osotasun batetik ateratako lagina da Atxagaren arabera, osotasuna ordezkatzera letorkeena. Zer egin, ordea, osotasuna baino, jatorri trinkorik ezean, beste zerbait daukagunean? Zer egin idazlearen figurak, hain zuzen, gatazkatsua beharko lukeenean komunitatearekiko? Rivasen esanetan, gehienera ere, komunitatearen baitako ahots diskordantea izatea da idazlearen erronka. Biei ere, ordea, nahi bada nahi gabe, egokitu izan zaie euskal eta galiziar literaturen ordezkari papera. Bestela ez leudeke biak Bartzelonan elkarrekin seguruenera. Bestela ez lukete beteko, bete duten bezala, bi saioetako areto bakoitza –enpirikoa da: etorri izan dira beste idazle batzuk–. Madrilek ezartzen duen filtroa pasa duten idazle (ia) bakarrak dira. Biak dira Sari Nazional, Espainiako noski: 1989an Atxaga, Obabakoak liburuarekin; beranduxeago Rivas, 1996an, ¿Que me queres, amor? narrazio bildumarekin. Prisa taldearen babesa izan dute biek –zangotrabaren bat gorabehera–, bide egiteko estatu zabalean. Lagunduko zuen segur aski estatu horretaz biek ala biek marraztu duten irudiak. Gauza praktikoetara goazen: Zazpi etxe Frantzian ia aldi berean euskaraz, galegoz, katalanez eta gaztelaniaz argitaratu zuen Atxagak. Rivasek A desaparición da neve poema bilduma atera zuen Espainiako Estatuko lau hizkuntza ofizial nagusietan. Eta gaur, gosaltzeko ordura arte behintzat, inork ez du inoiz horri buruzko ezer nabarmendu. Zentzu horretan, hizkuntza desberdinetako literaturen arteko harremana ia ezinezkoa da, Atxagaren esanetan. Eta ez bakarrik ustezko periferiek ustezko zentroarekiko. Itxuraz harrigarriagoa dena: ustezko periferien arteko harreman eza da etsigarriena. Literaturaz Baina hitz egin dezagun behingoz gauza serioez. Literaturaz, alegia. Madrilen filtroa pasa izana ez da bi autoreek duten antzekotasun bakarra. Badaude bien literatura zeharkatzen duten lerro batzuk: narratzaile gisa lortu dute sona, baina poeta nabarmengarri ere badira; iragan garaiak harrapatu nahi izan dituzte, adibidez 36ko gerra; behiekiko xera erakutsi dute, Behi euskaldun baten memoriak ahaztezina versus Un millón de vacas gogoangarria; Rivasen Dombodan pertsonaia, ipuin diferentetan agertzen dena, baina beti ezaugarri antzekoak dituena: isila, bere baitara bildua, Bi anai hartako Daniel hura izan zitekeen. Rivasek aitortu zuen, begirada partekatzen dutela, mundua beste begi batzuekin begiratzeko nahia. Landa lurraz idaztea da seinalatu izan zaien beste antzekotasun bat. Landa bizitzari batzuek atxikitzen dioten estigma klasista errefusatu zuen Atxagak. Rivasek gehitu zuen ikusitako lehen behiak urbanoak izan zirela, Coruñako Montealto auzoko larre batean. Noski hiriaren birmoldatzeak desagerrarazi zuen larrea, eta larrearekin behiak. Nagusitasun ikuspegi bat antzematen die Rivasek errealismo magiko eta antzeko etiketei. Errealismo magikoa baino, nahiago duela berak Max Aub idazlearen definizioa: errealismo transzendentala, alegia, harago joan nahi duena. Eta geografia baino, psikogeografia direla gehiago bere liburukoak, mundu desberdinen nahasteak. Atxagarentzat espazioa ez da hain garrantzitsua. Zu bertan egiten, oroitzen, sufritzen ari zarena da benetan inportantea. Literaturaren muina xehetasunak direla gehitu zuen, Josep Pla katalanak esandakoaren ildotik. Atxagak bere lanean askatu nahi izan duen korapiloa: gehien ezagutu duen lekua ulertzen saiatzea. Une batean ulertu zuen jaioterria antzinako leku bat zela. Bi mila urtean iraun duen hari bat bazela, telebistaren etorrerak hautsi duena. Biolentziaz hitz egitea ez zetorkion ondo, ez zen bere mundua, baina inposatu egin zitzaion, ezinbestean. Idazleak gauza inportanteei aurre egin behar die, hartara, hori da konpromisoa, kable bat izatea lurrera. Rivasek, bere aldetik, konpromisoaren zera horretan, garrantzitsua dela ñabardura. Eta Miguel Torgak esaten zuela: idazlearen lehen konpromisoa idaztea da. Eta idazten duzun guztiak konprometitzen zaitu. Eta badago beste leku bat, beste alde bat, ez da bakarrik ikusgarri dena. Poesia saiatzen da beste leku hori bilatzen, dio Atxagak. Rivasentzat poesia da lehen lengoaia, zelula ama. Lehen bertso lerroak gogoratu zituzten: " Tienes los ojos del color del onix, y tu pelo es como el de una morena de Guadix ", Atxagak. Euskaraz idazten hasi zen gero, Bilbora joan zelako. Hizkuntzaren hautuari dagokionean, aitaren gorbatarena gogoratu zuen Rivasek: estuagoa gorbata, hobeto hitz egiten zuen gaztelaniaz. Amerikana bana bai, baina lepoa estutzen zien gorbatarik gabe azaldu ziren biak Bartzelonara.
news
argia-16310510e2c5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/esklabo-trafikoa.html
Euskal tratularien lorratz iluna Atlantikoan barrena
Urko Apaolaza Avila
2015-05-10 00:00:00
Euskal tratularien lorratz iluna Atlantikoan barrena Bi mende igaro dira, baina berdin dio. Pose hutsa izan zen esklabo merkataritza borratzeko 1815ean Vienan egindako nazioarteko adierazpen solemnea. Segitzen dugu itsas hondoan atzoko eta gaurko esklaboen hilotzak zenbatzen. Eta ez ziren gutxi izan hori baino lehenago, eta geroago, barkuen sotoetan "giza merkantzia" eraman zuten euskal izeneko kapitainak, faktoreak eta tratulariak.
news
argia-7c3e1276b436
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/historiaurreko-onddozaleak-kantauri-isurialdean.html
Historiaurreko onddozaleak Kantauri isurialdean
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-05-10 00:00:00
Historiaurreko onddozaleak Kantauri isurialdean Max Planck Antropologia Ebolutiboko Institutuak (Leipzig, Alemania) 2010ean Kantabriako (Espainia) El Mirón kobazuloan aurkitutako "Dama Gorria"ren arrastoak aztertu ditu. Zehazki, duela 18.700 urte gorputza gorriz margotuta eta lorez inguratuta ehortzitako emakumearen hortz plaka ikertu dute, eta hortzeriaren arrastoetan itsatsita landare polena, animalia-jatorriko substantziak eta onddo kondarrak aurkitu dituzte. Giza dieta onddoek ere osatzen zutela adierazten duen frogarik zaharrena da, eta Harri Aroko gizaki orojaleak onddozaleak ere bazirela erakusten du.
news
argia-dc3b0eb89ef3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/txernobylgo-istripuaren-urteurrena.html
Txernobylgo istripuaren urteurrena
Joxerra Aizpurua
2015-05-10 00:00:00
Txernobylgo istripuaren urteurrena Apirilaren 26an 29 urte bete ziren Txernobyleko zentral nuklearra lehertu zenetik. Leherketaren ondorioz material erradioaktibo ugari barreiatu zen munduan zehar. Ukrainan bertan, erradioaktibitatea ez zen uniformeki barreiatu, gune batzuetan asko eta besteetan gutxi baizik. Zentrala estali egin zuten eta orain bigarren estalkia eraikitzen ari dira, lehenengoa ezin baita desmuntatu. Bestalde, oso gutxi dakigu inguruan bizi direnen osasunaz. Esaterako, zentraletik hurbil samar bizi diren ume eta gazteen %80 baino gehiagok bihotzeko arazoren bat dutela.
news
argia-cacf3667a2ee
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/katalunia-aukera-galduen-eta-berrien-artean.html
Katalunia aukera galduen eta berrien artean
Asier Blas Mendoza
2015-05-10 00:00:00
Katalunia aukera galduen eta berrien artean Bartzelonara egin dudan azkeneko bidaian, proiektu independentistan konfiantza ahulduta sumatu dut lagunen artean. Generalitateko Centre d'Estudis d'Opiniók jarri dio zenbakia Kataluniako kaleetan sumatzen den giroari. Martxoko barometroaren arabera, Katalunia estatu independentea izan beharko lukeela pentsatzen dutenak %39,1 dira, federalistak %26,1, autonomistak %24,0 eta zentralistak %3,4. Galdera dikotomikoa bada, hau da, independentziaren inguruan "bai" edo "ez" erantzuteko aukerak eskaintzen badira soilik, ezezkoak %48rekin irabazten dio baiezkoaren %44ri. Kataluniak Espainiarekin adostutako erreferenduma nahi zuen. Horrela, independentzia lortzeko adostutako gehiengoa lortzen bada estatu berriaren nazioarteko aitortza automatikoa izaten da. Halere, kontsultak adostu egin ohi dira gatazka bortitz baten amaiera kudeatzeko modu gisa. Salbuespenen artean Eskozia edo Montenegro kasuak ditugu sezesio proposamen merkeak zirelako jatorrizko estatuentzat, bestela, agertokiak halabeharrez gatazkara garamatza sezesio eskubide adostua lortu ahal izateko, eta lortzen denean gutxieneko partaidetzak eta gehiengo zabalak inposatzen dira independentzia gauzatzeko. Azkeneko urteetan praxi honen adibide dira Nevis, Montenegro edo Hego Sudan. Aldebakarreko independentziez hitz egiten badugu, azkeneko hiru hamarkadetan guztiek lortu dute aldeko botoen bi hereneko langa gainditzea hauteskundeetan edota erreferendumean, nahiz eta honek ez duen segurtatu nazioarteko aitortza. Izan ere, estatu independente normal bat sortzeko nazioarteko aitortza behar da. Azken honetarako gehiengo demokratikoa izatea beharrezko baldintza bilakatu da, baina ez nahikoa geopolitika arrazoiak medio. Halere, zenbatz eta babes handiago herritarren partetik orduan eta aukera gehiago nazioarteko ezagutza izateko joko geopolitikoen gainetik. Katalunia urrun dago independentziaren aldeko gehiengo zabala lortzetik. Eskuratzeko modu bakarra tentsioa areagotzea da, uneon hauteskunde "plebiszitarioen" bitartez gerta daiteke soilik. Gehiengo independentista balego, nahiz eta motza izan, Espainiari eta Europar Batasunari arazo potoloa planteatuko litzaieke. Ataka horretan, Espainiak kontsulta negoziatuko ez balu gehiengo zabal sezesionista lortzeko bulkada irmoa litzateke. Baina, eskema argi hori gehiegi atzeratu da. Azaroaren 9ko erreferenduma eta gero, Kataluniako elite independentista ez zen gai izan 2015eko urte hasierarako hauteskundeak adosteko. Kataluniako Asanblea Nazionalak 2015eko apirilaren 23rako iragarri zuen independentzia aldarrikapena ez da gertatu eta alderdikeriak sortutako blokeoak frustrazioa sortu du. Bitartean, Podemos agertu zen ilusioa piztuz Katalunian: lo zegoen boto ez independentista esnatu eta sezesionista batzuren artean begirunea lortu zuen Espainiaren birsorkuntza demokratiko, sozial eta plurinazionalaren ideiekin. Birsorkuntzaren eta apurketaren arteko dialektika horretan, inkestek Kataluniako independentistentzat berri onak ekarri dituzte orain. Madrilgo botere guneek arrakasta izan dute Podemosen aurka eta Ciudadanosen alde. Espainian birsorkuntza aldaketaren bat etorriko bada, kosmetikoa bada ere, Ciudadanosen eskutik izango dela dirudi. Horrela gertatzen bada, independentismoa nabarmen sendotuko da Ciudadanos bezalako alderdi nazionalista espainol batek sortzen duen beldurragatik. Podemosek ordezkatu dituen birsorkuntza ideiak alboratuak, irtenbide bakarra haustura izango da, independentzia.
news
argia-298eb19b3c1d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/gure-genealogia-feministak.html
Gau patriarkalean antortxa piztuta
Onintza Irureta Azkune
2015-05-10 00:00:00
Gau patriarkalean antortxa piztuta Gure genealogia feministak Miren Aranguren, Edur Epelde, Iratxe Retolaza Emagin, 2015 Hamar urteko lanaren ondoren, argia ikusi du Gure genealogia feministak. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika bat liburuak. 1960ko hamarkadatik hasi eta gaur arteko talde, aldarrikapen eta ekimen feministak bildu ditu 600 orrialdeko liburuak. Emagin Dokumentazio eta Ikerkuntza Zentro feministaren eta Euskal Herriko Bilgune Feministaren eskutik sortu zen Euskal Herriko feminismoen kronika jasotzeko beharra. Miren Arangurenek, Edur Epeldek eta Iratxe Retolazak ondu dute liburua. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako aurkezpenean, Iratxe Esnaolak lapurrei eta espoliatzaileei dei egin zien: "Gau patriarkala zabaldu duzue, eskularru beltzek gure ahoa estaltzen dute. (…) Ez duzue lortzen gure memoria galtzea". Borroka feministan, hasiera haietan, antortxak eskuan hartuta abiatu zirenei eskerrak eman zizkien, "su horretan eraman gaituzue guztiok". Hamar urtez Euskal Herriko txoko guztietako taldeen informazioa jaso dute liburuan, tartean argazkiak, afixak eta pegatinak. Egileen ustez, egin beharreko lana zen. Atzoko eta gaurko feminista militanteentzako liburua dela adierazi zuten, baina baita feminismoan edo genero kontuetan interesa duen edonorentzakoa ere. Lanean aritu diren bitartean, itzalean zegoen mugimendu ederra ezagutu dutela diote, Ipar Euskal Herritik abiatuta. Liburua antolakuntzarako eta kontzientzia feministarako deia da. Miren Arangurenek Iratxe Esnaolaren hitzei tiraka esan zuen gau ilun eta luzea dela patriarkatuarena, eta "denon artean indarra biltzen dugu edo ezingo da egin". Jendez lepo zegoen aurkezpen aretoa, kulturuneko ganbara. Hantxe bertan dago ekainaren 13ra arte irekita egongo den erakusketa. Bisita gidatuak egingo dituzte erakusketa baliatuz. Bestalde, maiatzean eta ekainean mahai-ingurua, hitzaldia, tailerra eta irratsaioa eskainiko dituzte, besteak beste.
news
argia-d6ae91c03913
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/el-diario-vasco-el-mundo-deportivo-eta-maxixatzen.html
'El Diario Vasco', 'El Mundo Deportivo'... eta 'Maxixatzen'
Onintza Irureta Azkune
2015-05-10 00:00:00
'El Diario Vasco', 'El Mundo Deportivo'... eta 'Maxixatzen' Duela 19 urte argitaratu zuten lehenengo aldiz Maxixatzen aldizkaria, Azkoitian (Gipuzkoa). Azken sei urteetan, publikazioa etenda izan du kudeatzen duen Maxixatzen euskara elkarteak. Geldialdia egin zuten hausnarketarako astia izateko, euskara elkarteak nondik jo pentsatu nahi zuen.     2009an aldizkaria desagertu eta 2012an herriko euskararen egoeraren inguruko azterketa egin zuen elkarteak. Besteak beste, zein hedabide erosten eta irakurtzen zituzten galdetu zieten herritarrei. Gehien kontsumitzen zituzten hedabideak El Diario Vasco eta El Mundo Deportivo ziren. Gaztelaniazko hedabideak zituzten irakurgai azkoitiarrek, eta azterketak emandako emaitzen arabera, kultur erreferentzia atzerritarrak zituzten. 2011ko datuen arabera, azkoitiarren %74,5 euskalduna da eta %12,9 ia euskalduna. Elkarteak garbi ikusi du Maxixatzen berpizteko premia. Hilabetekaria hilabete batzuetan doan banatuko badute ere, gero bazkideek baino ez dute jasoko. Bestalde, egunerokoari heltzeko asmoz webgunea jarri dute abian: www.maxixatzen.eus.
news
argia-6ab4910141d2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/irakurleak-galdezka-limoiondoa.html
Irakurleak galdezka: Limoiondoa
Jakoba Errekondo
2015-05-10 00:00:00
Irakurleak galdezka: Limoiondoa Kaixo. Orain hiru urte argazkietako limoiondoa oparitu zidaten. Ontzia erosi eta hiru lekutatik ekarritako lurrez bete nuen. Han sartu nuen landarea. Oso ongi hazi da, indarrez. Baina fruitua ematean arazoak ditu. Azken bi urteetan, loreak ekarri ditu eta itxuraz ongi hartu ere. Baina, limoiak oso handi egin baino lehen, ilun kolorea hartzen dute, eta azkenean lurrera erortzen dira. Ez dut uste zorri arazorik denik, tratatu izan baitut horren kontra. Beste zerbait izan behar du. Erremediorik badu? Ongi izan. Juan Jose (Elgoibar). Kaixo Juan Jose. Landarea indarrean dagoela ikusten da. Bera bizi eta puja politak emateko gai da. Bina lorea ernaldu eta fruitua ezin ekarri. Arrazoia jatena falta dela esango nuke. Horri erantsi hosto batzuen itxura. Argazkiren batean argi ikusten da: hostoaren ertzean berdamena galdu gabe du, baina barru aldean, hostoaren bihotzeko zainen aldean marra horiztak ageri dira. Horrek nitrogeno eskasia adierazten du. Erremedioa ez da zaila: ontzi handiagoan aldatu, ahal duzun handienean. Lur aberatsa jarri: baratzeko lur beltza, hondarra eta simaur zaharra heren bana. Gero, udaberritik udazkenera, hilean behin, oihal batean ardi-simaurra edo luarra bildu eta urez betetako ontzi batean sartu. Ura belzten denean horrekin ureztatu. Bukatzeko, ontziari platerik ez jarri azpian, soberan den urak erraz alde egin dezala. Hemendik pare bat urtera argazki berriak ikusiko ditugu...
news
argia-c1dbceff351d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/ongi-etorri-dantzerti.html
Ongi etorri Dantzerti!
Oier Araolaza
2015-05-10 00:00:00
Ongi etorri Dantzerti! Irailean irekiko ditu ateak Dantzertik, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak. Dantzari eta antzerkilariak pozik gaude, ez zaigu antzematen, baina pozik gaude. Orain hamar urte inguru sortu zen arte eszenikoen goi-mailako eskolaren aldeko plataforma. Hamar urteotan, aldarrikapenarekin batera sektorearen ezagutza eta eskarmentua erakundeen eskura jarri du plataformak. Hori gabe ez dut uste Dantzerti martxan jarriko zenik. Plataforma izan da akuilua eta heldulekua, egitasmoa bizirik mantendu duena politikariek beste lehentasun batzuk zituztenean eta erakundeei bide egiten lagundu duena ibilbide osoan. Orain, proiektua azken txanpan sartu denean, Jaurlaritzak dagoeneko plataformaren beharrik ez duela pentsatu du eta bazterrera utzi du. Ikasketa planen zirriborroa plataformako kideei prestatzeko eskatu, hauek presazko lanak dohain egin, eta ondoren, kortesiazko gutxieneko erantzuna eman gabe Madrilgo dantza ikasketen kopiak diruditenak baliatu ditu Hezkuntza Sailak. Irakasleen hautaketarako, curriculumaz gain aurrez aurreko froga egitea eskatzen zuen plataformak, teoriko onak izateak ez baitu bermatzen eszenaren ezagutza. Ez da hala izango, irakasleei ez zaie aurrez aurreko probarik egingo. Matrikula partziala egiteko aukera eskatu zen, lanean dihardutenek ikasketak egiteko aukera izan dezaten. Hori ere ez da onartu. Munduan izango dira mila ikastetxe goi-mailako dantza ikasketak egiteko aukera ematen dutenak. Baina mundu osoan ez dago eskola bat ere euskal dantza ikasteko aukera ematen duenik. Dantzertik ere ez du aukera hori emango, lehen txanpan behintzat, euskal dantza ikasteko aukerarik ez da izango bertan. Dantzerti Bilbon egingo da. Euskal Hiriarena gezurra zen. Durango edo Tolosa ez dira Euskal Hiria. Euskal Hiria Bilbo da. Baldintza desegokietan eta garestiago aterako da, baina Bilbon. Musikarako egin zen Arriaga kontserbatorioa dantzarako eta antzerkirako egokitu behar da orain. Traketsa izango da egokitzapena, eta gainera ez da denentzat tokirik izango. Baziren aukera hobeak, badira azpiegitura osoa, antzokia barne, prest duten ikastetxeak, baina ez, ez daude Bilbon, eta eskola Bilbon egin behar zen, ez dakit nork, noiz eta zergatik erabakita. Euskal antzerkiak eta dantzak bazuen eskolaren premia. Ez zaigu antzematen, baina pozik gaude. Ongi etorri Dantzerti!
news
argia-756c37f60b9b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/baratzea-eta-sexu-heziketa-elkarbizitzarako-bidean.html
Baratzea eta sexu heziketa, elkarbizitzarako bidean
Lander Arretxea
2015-05-10 00:00:00
Baratzea eta sexu heziketa, elkarbizitzarako bidean Lastotan. Lan-eremua: Nafarroa. Bizibidea: Laborantza. Sorrera: Ideiaren abiapuntua 2011n, kooperatiba gisa 2014an. Kideak: Oihana Beloki, Saioa Martinez eta Nerea Esparza. Jarduerak: Sexu heziketa eta nekazaritza agroekologikoa. Helburua: Elkarbizitza Laborategia sortzea. Erronka eta proiektu ederra dute eskuartean Oihana Beloki, Saioa Martinez eta Nerea Esparza nafarrek. Bideragarritasun plana egin behar dutenean ordea, ez dira bulegoko itzalpean ezkutatzen. Senitartekoekin haietako baten bordara joaten dira asteburu pasa, eta naturatik gertu eta lasaiago, ematen diote forma. Abian jarri nahi dutena ez da edonolako enpresa, Lastotan kooperatibak kudeatuko duen Elkarbizitza Laborategia baizik. Lau urte dira proiektuarekin amesten hasi zirela. Elkarbizitzaren garrantziaz ohartuta eta gure gizartean zein gutxi lantzen den ikusita, auto-estimua, bikote harremanetako rolak, parte-hartzea eta abar lantzeko gunea martxan jarriko zutela erabaki zuten. "Elkarbizitzaren behatoki, plaza eta laborategia izango dena nahi dugu sortu, behar duen denbora eta tokia izan ditzan". Oraindik ez dute espazio hori eskuratu, baina ez dira geldirik egotekoak. Duela urtebete sortu zuten irabazi asmorik gabeko kooperatiba, eta izaera hori lagungarri zaiela diote: "Gure buruaren jabe gara, lana guk antolatzen dugu, eta guk geuk kudeatzen dugu gure ametsa". Elkarbizitza Laborategia lortzeko ahaleginean ari diren bitartean, bi lan esparru ditu kooperatibak: sexu heziketa eta barazki ekologikoen ekoizpena. Sexu heziketako tailer eta ikastaroak hainbat eskola eta gazte gunetan ematen dituzte, gaiari merezi duen zentraltasuna eskainiz. Badostain herrian duten baratze agroekologikoko produktuak aldiz, familia eta elkarte gutxi batzuei saltzen dizkiete. Erakundeen babesaren faltan, konplizeak bidaide Bada Lastotanekoen barazkiak erosi eta euren sexu heziketako zerbitzuak ere baliatzen dituen beste kooperatiba bat: Iruñeko Katakrak. "Konplizeak ezinbestekoak dira halako proiektuetan aurrera egin ahal izateko, eta zentzu horretan, Katakrak  bidelaguna ari da izaten". Elkarlan horrek nola edo hala orekatzen du Lastotaneko kideek euren ametsak gauzatzeko bidean aurkitu duten oztopo nagusietakoa: erakunde publikoen babes eta laguntza falta. "Gazteak, pobreak eta emakumeak gara, eta gainera elkarbizitza landu nahi dugu, ez produktu fisiko bat. Badirudi hori ez datorrela bat erakundeen logikarekin, eta ez digute batere babesik ematen". Lau urteko ibilbidea ez da erraza izan, baina espazioa laster lortuko dutela aurreikusten dute. Gero, auzolanaren bitartez emango diote forma. Etorkizunera begira, hortaz, itxaropentsu daude: "Argi dugu lan asko egin beharko dugula aurrerantzean, baina baldintza eta harreman duin eta malguetan oinarrituta izango da, bideaz gozatzen". "Ahaleginari berehalako fruitua eskatzeko joera dago, baina egiten den horretan sinetsi behar da, eta pixkanaka hurbildu nahi den horretara, itsutu gabe". Pazientzia izatea eta proiektuan sinestea, hori da antzeko ekimena martxan jarri nahi duenari gomendatzen diotena.
news
argia-5e08c4062ac7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/laura-perez.html
"Euskal Herria izena programaren zirriborrotik kendu da eskuindarrak isiltzearren"
Reyes Ilintxeta
2015-05-10 00:00:00
"Euskal Herria izena programaren zirriborrotik kendu da eskuindarrak isiltzearren" Duela lau urte Felipe Borboikoari monarkiari eta demokraziari buruzko galdera deserosoak egin zizkion neska errepublikazalea da Podemos-Ahal dugu alderdiaren zerrendaburua Nafarroako foru hauteskundeetarako. Ama eta aita, biak dituzu politikariak. Ama independente gisa eta aita Ezker Batua taldeko kide bezala, haiek bizi diren Artikako Kontzejuko presidentea eta presidente ordea dira. Biak aspalditik lanean aritu dira munizipalismoan, beren lanbideez aparte. Gurea oso familia politizatua izan da edo, behintzat, politika ez da niretzat tabua izan. Txikitan Sanduzelaiko eskolara joan nintzen eta han euskal lerroa eta erdarazko ikasleak elkarrekin geunden. Azken hauen artean haur ijitoak zeuden. Istiluak sortzen zirenean beti ijitoen aurka jotzen zuten gehienek, eta nik, aldiz, beti haien alde. Ikusten nuen nola haur horiek ez zuten aukerarik, adibidez, oporretara joateko eta besteok bai. Horrek guztiak galdera asko eragiten zidan eta piztu zuen nigan klase sozialen arteko desberdintasunarekiko interesa. Bestalde, neska nintzelako ez zidaten futbolean jolasten uzten eta halako gauzek izugarrizko amorrua ematen zidaten. Nik gauzak aldatzeko gogoa izan dut beti. Horregatik ikasi zenuen zuzenbidea? Bai. Filosofia edo psikologia ikastea ere pentsatu nuen, baina lan egiteko aukera gehiago ematen ahal zidana aukeratzeko gomendatu zidaten gurasoek.   Gure gizarte honetan gauzak aldatu ahal izateko legeak aldatu behar dira? Bai, eta askotan legeak aldatzeko herri mugimenduek badute berebiziko garrantzia. Horregatik gustatzen zaizkit Podemos bezalako mugimenduak: alde batetik orain arte alderdien siglekin identifikatzen ez ziren pertsonak erakartzeko eta gizartea politizatzeko tresna politak direlako. Zaila da jendea mugiaraztea? Gizarte anestesiatuan bizi gara? Hala hezi gaituzte. Geure belaunaldikoei dena egina eman digute. Ipuin baten modura esan digute ikasiz gero nahi genuen lanbidea eskuratuko genuela. Ez gaituzte demokrazian eta parte-hartzean hezi. Aitzitik, aldendu nahi izan gaituzte, ez zaigula axola esanez, eta askok sinetsi egin dute hori. Epaile izateko urte luzez aritu zinen ikasten. Zergatik epaile? Iruditzen zitzaidalako askatasun esparru bat aurki nezakeela legeari beste interpretazioak bilatuz. Sei urtez aritu nintzen oposaketak prestatzen. Oso gogorrak dira eta tarteka etenalditxoak egiten nituen. Horietako batean lanean hasi nintzen Thomson Aranzadi enpresan epaiak aztertzen eta datu base batean informazioa sartzen. Han asko ikasi nuen eta Estatuaren zokoak ikusterakoan ohartu nintzen dena oso lotuta, lotuegi dagoela. Gauzak benetan aldatzeko bidea hori izan ote zitekeen zalantzan jartzen hasi nintzen. Askatasun gutxi botere judizialean? Nire ustez epaileek independentzia izan arren, ez da berdin gertatzen goiko organoekin. Nola izaten diren aukeratuak eta legalki gauzak nola dauden moldatuta ikustea besterik ez dago horretaz ohartzeko. Orduan jabetu nintzen prozesu konstituziogilearen garrantziaz. Erakundeak aldatu behar dira elkarrekiko benetako independentzia eta aldi berean barne demokrazia izan ditzaten. Konstituzioak dituen alde onak, pertsonaren oinarrizko eskubideak eta askatasunak, praktikan ez dira bermatzen. Neurriak ipini behar dira hori dena behetik gora aldatzeko, baina horretarako beharrezkoa da gizarte kontziente bat. Irakasle lana erabat utzi duzu hauteskundeetara aurkezteko? Baimen ez ordaindua lortu dut azkenean, ekainera artekoa, ni behin-behineko irakaslea naizelako. Ondoren langabeziara joango naiz, baina kobratu gabe. Gure kode etikoaren arabera soldata mugatua dugu: gehienez oinarrizko soldataren halako hiru har dezakegu. Nik irakasle bezala baino gutxiago kobratzen dut orain, baina hemen ez gaude diruagatik eta ez gara kasta bilakatu, batzuek modu gaiztoan dioten bezala. Saiatzen gara neurriak jartzen politikaren profesionalizazioa ekiditeko. Ezin gara bi aldiz baino gehiago aurkeztu hauteskundeetara edota uko egiten diegu dietei eta kargu publikoek dakartzaten pribilegio guztiei, adibidez. Taxi bat hartu beharrean, esate baterako, beti bezala bizikletan edo billabesan jarraituko dut. Amadeo Marco Ilincheta Diputazio burua izandakoak zioen politikara ez dela aberasteko asmoarekin joan behar, horregatik onena zela lehenagotik aberatsak direnak agintean aritzea. Bai, agian berak ez zuen behar aberatsa zelako, baina ikusi beharko zen zenbat aberastu ziren berari esker. El corralito foral liburuan Ivan Gimenezek erakusten du Nafarroa ez dela saltzen, ez erosten, oinordetzan hartzen baizik. Noiz arte? Limitean jarri arte. Oligarkia ekonomikoa eta boterearen arteko lotura hori moztu beharra dago. Gimenezek oso ongi azaltzen du bere liburuan hasiera batean kazikeak, jauntxoak, Diputazioan sartzen zirela, baina orain ez dute horren beharrik, beren interesen alde egiten duten beste morroi batzuk badituztelako. Hiritarrok hor izan behar ditugu guztion aldeko erabakiak hartzen dituzten ordezkariak, ez soilik aberatsen alde jokaten dutenak. Nafarroako Ezkerreko Batzorde Errepublikazaleko militantea zara. Monarkia eta demokrazia bateraezinak dira? Nire ustez bai. Ez dago benetako demokraziarik estatu burua ezin bada aukeratu. Hori zentzuzkoa da, baina Errepublika defendatzen dugunean harago joan nahi dugu: denona denaren alde egin nahi dugu, balore errepublikarretan oinarritutako bestelako gizarte bat, laizismoa, justizia soziala, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, hezkuntza askatasuna, hezkuntza tresna askatzaile bezala eta erabakitzeko eskubidea, noski. Guk hori modu zabalean ulertzen dugu, ez lurraldetasunari mugatuta, baizik eta esparru pertsonaletik abiatuta, baina horretarako, aldez aurretik, duintasunez bizitzeko gutxieneko baliabideak denok eduki behar ditugu bermatuta. Duela lau urte Felipe Borboikoari esan zenion ez zenuela menpeko izan nahi eta ea noizko monarkiari buruzko erreferenduma. Berak zakar bukatu zuen solasaldia esanez lasai geldi zintezkeela zure loria minutua lortuta.   Minutu bakarra ez zen izan, bost baizik, eta niri oso luzea egin zitzaidan. Bere garaian izutu egin ninduen honek guztiak izan zuen oihartzunak. Artean ez nuen ez telebistarik ezta Internetik ere, eta nik bizi izan nuena eta kalean entzuten nuena bi errealitate desberdin bezalakoak ziren. Gehien harritu ninduena, hala ere, izan zen zeinen funtsik gabeko erantzuna eman zidan. Argudiorik gehiago ez izatea penagarria iruditu zitzaidan. Eta harropuzkeria puntu bat ere sumatu nuen bere hitzetan. Esne mamitan bizi izan da betidanik eta herritarrok ezin diogu oinarrizkoa den zerbait exijitu? Bestalde, garai hartan M15 mugimendua pil-pilean zegoen eta nahiko tamalgarria iruditu zitzaidan eztabaidetan monarkiaren gaia ez zutela oinarrizkotzat hartzen. Ulertzen dut langabezia eta gazteriaren etorkizuna lehentasunezko gaiak izatea, baina dena lotuta dago. Benetako demokrazia ezak lotura du gaur egun dugun krisiarekin. Ziztuan joan da guztia. Lehenbizi idazkari eta orain parlamenturako hautagaia. Bertigorik ez? Beti ari gara aldarrikatzen emakumeon parte-hartzea eta orain aukera eskaintzen didatenean, nola esan ezetz? Hasieratik izandako inplikazioagatik, emakumea, gaztea eta euskalduna izateagatik eskatu zidaten idazkaritza postura aurkezteko eta hori egin nuen. Gero parlamenturako zerrendaburu izatea proposatu eta hemen nago. Zirraragarria da eta nekagarria ere bai, batez ere demokrazia parte-hartzailea halakoa delako. Gutxi batzuen artean gauzak erabakitzen denean agian azkarrago eta errazago izaten da, baina hori ez da gure lan egiteko modua. Parte hartzeko eta koordinatzeko modu berriak asmatzen ari gara. Hauteskunde hauen atarikoan independentziarena berriz gai izarra. Balizko botoen ihesbidea zuentzat? Horren ingurura eraman nahi dute batzuek dena. Podemos-Ahal dugun aniztasun handia dago, baina guztiok bat egiten dugu erreskate sozialari lehentasuna ematean. Argi dago, era berean, barne demokrazian sinesten dugula eta ez garela eztabaiden eta jendeari iritzia eskatzearen beldur. Azaroan 18 eserleku eman zizuen inkesta batek. Oraingoek 8 gehienez. Zuen estrategia berria al da hauteskundeak pasa arte ez hitz egitea berriro balizko itunez? Hitzarmenak emaitzen arabera ikusiko dira eta guk beti esaten duguna da itunak helburu programatikoetan oinarritzen direla. Argi eta garbi esan dugu norekin ez dugun itunik egin behar Nafarroan: UPN-PSNrekin. Baina boto emaileek ere jakin nahi dute noraino joateko prest zaudeten… Guretzako independentzia edo erreferenduma ez dira lehentasunak. Benetako presa duena da erreskate soziala eta horretan oinarrituko dugu gure programa. Etorkizunean independentziaz edo Euskal Herriaren batzeaz hitz egin liteke. Hori gauzatzeko prozesu konstituziogile bat edo bat baino gehiago egin beharko lirateke Kongresuko bi heren behar direlako aldaketak egiteko. Horretarako ezinbestekoak lirateke erkidego guztien arteko hitzarmenak. Hipotesi hori baztertu gabe, gure berehalako helburuak beste batzuk dira. Eta Euskal Herriaren aipamena zergatik desagertu da? Euskal Herria izena programaren zirriborrotik kendu da eskuindarrak isiltzearren. Diario de Navarrak dena nahastu zuen esanez guk proposatzen genuela prozesu konstituziogile bat Eusko Autonomia Erkidegoarekin bat egiteko. Baina honen inguruan guk ez dugu ezer esan. Galdetzen badigute esaten dugu jendeari galdetuko diogula zer nahi duen eta kito. Proposatzen dugu organo partekatu bat eratzea EAErekin, baina beste erkidegoekin bezala. Zergatik ez? Eta alderdi barruan oso desberdin ikusten dira gauzak hemendik edo Madrildik? Oso ongi ezagutzen dute Nafarroako egoera. Jakin badakite hemen aldaketa behar-beharrezkoa dela eta jabetzen dira zer puntutaraino komunikabide batzuek manipulatzen duten errealitatea. Ez da egia betoa jarriko liguketela haien gustuko ez den zerbait erabakiko bagenu. Lurralde bakoitzean tokiko asanbladak erabakitzen du. Beraz, gure esku dago. Egun hauetan zu pertsonalki jasaten ari zaren erasoetatik, zer da gehien mindu zaituena? Madrilera joaten naizenean nire familiak berak esaten dit ezker abertzaleko erradikala naizela. Betidanik ezagutzen naute eta benetan mintzen nauena da zenbaterainoko boterea duten pertsona baten irudia aldatzeko baita bere familiaren aurrean ere. Podemoseko askok ere sinetsi dituzte gezur horiek. Erriberako jendearekin, adibidez, askotan argitu behar izaten dugu guk ez dugula hau edo bestea esan, Diario de Navarrak baizik. Dena den, ez nau gehiegi kezkatzen, hori delako haien tresna, besterik ez. Komunikabideek badute adierazpen askatasuna, baina horren gainetik dago herritarrok egia jasotzeko eskubidea. Arlo sozialean ezker abertzaleak edo zuek esaten duzuena oso antzekoa da. Desberdintasun handiena da gu ez garela abertzaleak. Ezker abertzaleak lehentasuna ematen zion eraikuntza nazionalari eta orain garrantzi gehiago ematen hasi zaio diskurtso sozialari. Hala ere, jende asko dago gai sozialekin oso interesatuta dagoena eta Bildurekin identifikatzen ez dena. Pertsona hauek Podemosen beren espazioa aurki dezakete.
news
argia-c5f8b86bde76
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/lan-erreproduktiboa.html
Lan (erre)produktiboa
Kattalin Miner
2015-05-10 00:00:00
Lan (erre)produktiboa Feminismoetatik sarri aldarrikatzen dugu, lan erreproduktiboa balioan jarri behar dela, gutxienez eta sikiera, produktiboa adina. Jendartean esan ohi da, lan produktiboa dela bizirauteko behar dugun hori, hau da, diru truk egiten dena, estatusa emango diguna, beraz esfera publikoan jazotzen dena, errekonozimendua zor zaiona, eta maskulinoa dena, osoki. Eta ez ordea, erreproduktiboa, hau da, zaintza lana, erditzearena, janaria prestatzearena, beharrak antolatzearena... femeninoa eta isildua. Eta ulertzen badut ere banaketa kontzeptual hori, gero eta konbentzimendu handiagoa dut kiratsa dariola. Ulertu baita, krisi honen magalean, lan produktibo horiek guztiak amaituta ere, erreproduktibo ziren horiekin biziraun dugula misterioski. Ez ote da finean, erreproduktiboa zena, benetan produktiboa? Hain zuzen, bizitza bera produzitu eta mantentzen duena? Eta erreproduktiboa, sistema heterokapitalista honek biziraun dezan erreprodukzio mekanikoenaren bidez egiten dena? Soldatapeko esklabotzan mantendu gaituena, nork dakigu noren mesedetan? Ez al da garaia, behin Valerie Solanasek esan bezala, generoen tasunak irauli gisan, lanei ere bere izenez deitzekoa?
news
argia-81e1e17ea3df
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/gizakion-oilarkeria.html
Gizakion oilarkeria
I�aki Mendiguren
2015-05-10 00:00:00
Gizakion oilarkeria Sekula baino nartzisistagoak garen garaiotan, komeni da gogoratzea nola joan den beheratuz gizakion gandor harroa. Kopernikok erakutsi zigun Lurra ez dela unibertsoaren zilborra (nahiz eta espainiarren laurden batek oraindik uste duen Eguzkia dabilela Lurraren inguruan biraka!), eta egun badakigu gure planeta hauts-mota ñimiño bat besterik ez dela multibertso askoren baztertxo galdu batean. Darwinek erakutsi zigun gizakia ez dela kreazioaren erdigune eta errege, baizik eta eboluzio-prozesu luze baten orain arteko emaitza, eta genetikoki ez gaudela animalia askorengandik batere urrun. Freudek berriz inkontzientearen garrantzia jarri zigun aurrean, pentsa ez dezagun geure egintzen jaun eta jabe garela. Eta Freudentzat berarentzat, aipaturiko hiru aurkikuntza horiek gizakiaren umilazioa esan nahi zuten, gure handiustearen aurkako eraso zuzenak. Baina baliteke umilazio horiek ez bukatzea hor, zeren eta gaur egun neurozientziaren arloan egiten ari diren hainbat aurkikuntza kolpe gogorrak baitira gizakiaren harropuzkeria zentzugabearentzat. Gehienok, geure buruaren nagusi eta zeharo libre garela uste dugu, ezta? Ba, neurozientziak datu asko ari dira ematen uste horren aurka. Ikerketen arabera, ez dugu egiten nahi duguna, baizik eta egin eta milisegundo batzuk geroago nahi izaten dugu egindako hori. Biziki gomendatzen dizuet Incógnito. Las vidas secretas del cerebro liburua irakurtzea, eta bereziki 6. kapitulua (Zergatik dago oker planteatuta erantzukizunaren gaia?). Egileak, David Eagleman neurozientzialari estatubatuarrak, dioenez "kontuan izanda gure genetika, gure haurtzaroko esperientziak, ingurumen-toxinak, hormonak, neurotransmisoreak eta nerbio-zirkuitua, hainbeste dira gure kontrol esplizitutik ihes egiten duten erabakiak, ezen esan bailiteke ez garela gu agintean gaudenak" (205. or.). Gutxienez, zer pentsa asko ematen duen planteamendua da, gure justizia-sistema oso-osoa erabat hankaz gora jartzen duena, delituak egin edo ez egin erabakitzeko norbanakoaren askatasuna baitago kolokan. Ustezko shaolin-aren, Katalunian irakasle bat hil zuen gaztetxoaren, genero-indarkeriazko kasu ankerrenen eta abarren inguruan arinkeriaz aritu aurretik irakurri beharreko testua da. Izan ere, gure ideologia eta aurreiritziak gauza bat dira, eta zientziaren datu gordinak beste bat: Eppur si muove .
news
argia-292ec7098a71
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/lizar-loreduna.html
Lizar loreduna
Jakoba Errekondo
2015-05-10 00:00:00
Lizar loreduna Gure etxe ondoko bi sailetan, Malluan eta Ibaia izenekoaren beheko barrenean, zuhaitz handi batzuk udaberriarekin ezkondu dira. Zuri-laruz jantzi eta ezkondu. Lizarrak dira, urrutira ikusgarriak. Wikipediak "Euskal Herrian, modu naturalean, Arabako Badaia-Arrato mendilerroan baino ez da aurkitzen" dio. Beterriko inguru honetara txoriek-edo ekarriko zituzten... Manaren lizarra deitzen diote gure auzoko hizkuntzek. Erdi Aroan, azala ebaki eta zerion izerdiari bibliako manaren antza hartzen zioten, nonbait. Jariakin horretatik sortutako azukreari manosa eta alkoholari manitola esaten zaie.   Lizar-lora jasotzen du Azkuek. Lakoizketak lizarra. Eta UZEIren izendegian lizar-loreduna esaten diote. Fraxinus ornus . "Lizar apaina" deituko nuke nik. Ornamentaziorako egokia adierazten du ornus abizenak. Bere loraldia ikusgarria da, gainontzeko lizarrena ez bezala, eta hortik aitortza hori. Lizar guztiak loratzen dira, ordea. Gehienen lorea hostailaren kolorekoa da, ez da nabarmena. Lizar apainarena bai. Estrategia desberdinak dituzte hazia daraman fruitua eman behar duen lorea sortzeko. Lorean gertatu behar den bi sexuen arteko nahasketa nola burutuko den erakusten du bakoitzak. Lorea ikusgarri egiteko kolore deigarrizko petaloz janzten dituztenek erleak edo beste intsektu batzuk erakarri nahi dituzte. Zenbaitek erakarri nahi duen intsektuaren antza duten petaloak eraikitzen ditu. Lore batzuek zabaltzen duten usaina ere estrategia horren atal bat da. Energia horretara bideratzea eskatzen du estrategiak: lore ikusgarriak eta usaintsuak. Beste batzuek, lore ia ikusiezinak egiten dituztenek, ez dute intsekturik erakarri behar. Haizea baliatzen dute polen arra emearen altzora eramateko. Horiek energia beste era batean erabiliko dute: polen asko, askoz ere gehiago sortuko dute.
news
argia-3ae3155076f0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2430/teknologia-berrietako-hizkera.html
Azpeitiar gazteek euskalkiari zukua ateratzen diote
Amaia Ugalde
2014-09-28 00:00:00
Azpeitiar gazteek euskalkiari zukua ateratzen diote Lagunartean, gero eta gehiago komunikatzen gara idatziz teknologia berriei esker. Garbiñe Bereziartua azpeitiarrak, bere herriko 15-16 urteko ikasleekin elkartu, eta teknologien bidez erabiltzen duten hizkera aztertu du. Emozioak adierazteko baliabide ugari erabiltzen dituztela ondorioztatu du, euskalkia izateak asko laguntzen duela horretan, eta oraingoz, erregistro informal horrek ez daukala eraginik testu formalak idazterakoan. "Zertarako idatzi duzu epaaaaaa!!!! horrela, letra bera hainbeste errepikatuta?", " epa bakarrik jartzen badiozu lehor geratzen delako", erantzun du gazteak. Hizkiak eta puntuazio ikurrak asko errepikatzea da teknologia bidezko elkarrizketen ezaugarrietako bat. Horrela ondorioztatu du Garbiñe Bereziartuak, Azpeitiko gazteekin egin duen lanean. Pedagogiako doktoretza tesian Ingurune euskalduneko gazteak eta hizkuntza idatzia, eskolan eta eskolatik kanpo gaia landu du. EHUko Dream ikerketa taldearen laguntza izan du: "Hizkuntzekin lotutako zerbait egingo nuela argi neukan". Jasone Cenoz tutoreak eman zizkion arrastoak: "Gaia nahiko berria eta ikerketak egiten hasi gabea da". Soziolinguistika Klusterraren Hausnartu sariketan bigarren saria irabazi du bere lanak. Ikerketa egiteko gazteek idatzitako testuak aztertu ditu, eurei inkestak pasa dizkie eta eztabaida taldeak ere egin ditu tesia garatu ahal izateko.    Erregistro informala Gazteek ez dute inolako arazorik testu informalak eta formalak bereizteko. Hori da tesiaren ondorio nagusietakoa. Sarri teknologia berriek hizkuntzaren kalitatea kaltetu dezaketela esan izan da, eta beldur hori normala iruditzen zaio Garbiñe Bereziartuari: "Beldurrak neurri batean sanoak dira, inporta zaigunaren seinale. Baina ezezagunari beldurra da". Bere ustez ikuspegia aldatu behar da: "Hizkuntza bizirik dagoen heinean, aldatzen joan behar da. Garai berrietara moldatzen joan behar du; horrek mantentzen du bizirik. Gaur egun euskara jatortzat daukaguna ere, ziurrenik gure aiton-amonentzako erdarakadaz jositako euskañola izango da".   Gazte azpeitiarrek, beraz, ez dituzte teknologietan erabiltzen dituzten baliabideak testu formaletan sartzen: "Nik ez dut esaten eragingo ez duenik, baina horretarako  denbora tarte handiagoa eta ikerketa gehiago behar da". Idazkuntza akatsen arrazoiak zeintzuk diren jakitea ez du hain erraz ikusten: "Ortografian eragin dezake, hizkuntzaren estiloan eta hiztegian ere agian, baina lehen ere egiten ziren akatsak". Akats horiek neurri berean egiten ote diren eta zelako akatsak diren aztertu beharko litzateke. "Euskalkiaren eragina, adibidez, lehenago ere bazegoen testu formaletan. Orain horrelako akatsak ikusiko bagenitu zeren eragina izango litzateke, euskalkia idatziz erabiltzearen eragina ala euskalkia ahoz erabiltzearena, besterik gabe?". Azpeitian ateratako ondorioak joera baten zantzuak eman ditzake, baina Bereziartuak argi du ezin dela orokortu, eta ikerketa gehiago egin beharko liratekeela: "Konturatzen bagara hau ortografiari ikaragarri eragiten ari zaiola, egin ditzagun ikerketak eta hartu ditzagun neurriak. Hori orain ezin da esan; kalte egiten duenik, ezta ez duenik egiten ere. Hori esateko aztertu egin behar da". Euskararen eta euskalkiaren indarra Ahozko erabileran antzera, gazteen idatzizko komunikazioan ere euskara da nagusi; euskalkia. "Hipotesian ez nuen planteatu ere egin, baina euskalkiak daukan garrantzira heldu naiz puntu batean baino gehiagotan". Zentzu horretan azpeitiar gazteak zortedunak direla uste du Bereziartuak: "Adibidez, 'tipo horta' bezalako esamoldeak euskaraz garatzen dira. Gazteek badaukate aukera eta inguruak oraindik bultzatzen ditu horrelako esaerak euskaraz bilatzera". Bereziartuaren ustez, euskalkiak eskolaz kanpoko jardunean askatasuna ematen die gazteei: "Batua eskolarekin lotzen dute, eta eskolaz kanpo, euskalkiak lagundu egiten die, legerik gabe, askatasunez, hizkuntza aldaera propioa sortzen". Idazkera horretan bi gauza nahasten direla uste du: "Batetik gazte hizkera dago; gazteek beren gazte izaera horretan beti nahi dute beste hizkera bat eta beste lexiko bat erabiltzea; eta bestetik, teknologietako hizkera. Batzuetan ez da erraza bereiztea: zergatik egiten dute horrela, gazteak direlako edo teknologien bidez idazten dabiltzalako? Ni ez naiz hain gaztea, eta teknologiak erabiltzerakoan estrategia horiek erabiltzen ditut. Zer moduz esateko Zmz askotan erabiltzen dut, adibidez". Zorteaz jabetzea Euskalkiak lagunduta, egoera informaletarako erregistroa daukate Azpeitian. "Herri askotan ez dago aukera hori, eta Azpeitian askotan ez gara konturatzen". Euskararen aldeko atxikimendu aktiboaren falta sumatzen du pedagogo azpeitiarrak: "Jabetu beharko ginateke zortea dela eta dagokigun erantzukizuna hartu nahi duenarentzako hor dagoela". Arnasgune askotako gaitza dela azaldu du Bereziartuak. Kontzientzia horretan eragiteko, hain justu, euskara elkartea sortu berri dute Azpeitian.
news
argia-e83b0c56c637
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2430/izerditzea-mesedegarria-da.html
Izerditzea mesedegarria da?
Jabier Agirre
2014-09-28 00:00:00
Izerditzea mesedegarria da? Bero sapak eta zirimiri freskagarriak nahasita ekarri dizkigun uda honetan puri-purian egon den kontu batekin nator Argiako orrialde hpmetara. Gehiegi izerditzea –teknikoki hiperhidrosia esaten zaio– gauza aski arrunta da uda partean, baina telebistan agertzen diren produktu kosmetiko ugariren eslogan behin eta berriz errepikatua izateaz gain, pertsona askorentzat arazo eta endredo sortzaile ere bihurtzen da sarritan. Aspaldi samarretik ezagutzen dugu zenbait animalia espezietan feromonek botatzen dituzten usain bereziak bitarteko gertatzen den erakarpen sexuala, eta dokumentalak medio gauza onartutzat hartzen dugu. Baina azken urteotan, gure gizarteak gero eta baztertuago dauzkala gisa horretako usain bortitzak, gizartea "usaingabetu" egin dela. Garai batean erakarpen sexualaren paradigma nagusia izan zitezkeen perfumeek ere sotiltasunaren aldeko aukera egin dute azken urteotan. Argi dago, nolanahi, beroarekin batera gorputzeko atal jakin batzuek (galtzarbeek, oinek, eskuek eta agerian dauden gainerako gorputz-atalek) atsekabe ugari ematen digutela izerdia dela eta. Izan ere, izerditzea itxura txarrarekin lotzen da, ez dago ongi ikusia. Ez da txarra osasunerako, baina... Ikuspegi hori alde batera utzi eta beste alderdi bat jorratu nahi nuke, ordea: izerditzea txarra al da osasunerako? Hona erantzuna: ezta inola ere. Izerditzea giza gorputzak tenperatura erregulatzeko duen sistema garrantzitsuenetako bat da. Hainbat milioi izerdi-guruin dauzkagu, gorputz osoan banatuta, inguruarekiko tenperatura-trukean parte hartzen dutenak elektrolito ugari kanporatuz. Termometroa 30 ºC-tik gora igotzen denean –eta uda honetan sarritan gertatu da–, izerdi gehiago egiten da, nabarmen bihurtuz gainera. Hortxe hasten dira arazoak. Gehiegizko transpirazioaz kexatzen direnak gorputz-atal ondo mugatuetan, oinetan eta galtzarbeetan bereziki, dauzkate arazoak. Leku horietan, izerdi-guruin ugari daude, bi eratakoak: ekrinoak eta apokrinoak. Aurrenekoak gorputz osoan modu uniformean banatzen dira, baina guruin apokrinoak gorputzeko bi atal horietan, bularrean eta perineoan baino ez daude. Perineoko guruinek, hain zuzen, garapen sexualarekin batera jartzen dira martxan, eta jariatzen duten izerdia oso kontzentratua da, bakterioek deskonposatzen dutenean usain berezia botatzen duena. Zer egin? Emozioek, janari minek, aspirinek, urduritasunak, oinazeak eta beste hainbat arrazoik nabarmen gehitzen dute izerdi jarioa. Zer egin daiteke kasu horietan? Logikak agintzen duen bezala, galdutako ura edari bidez berreskuratu behar da, beste ezeren aurretik. Merkatuan hain ugari diren transpirazioaren kontrako produktu lokalak –desodoranteak, alegia– baliagarri gertatuko dira kasu askotan, gehiegizko izerdi-galera horiek kontrolatzen laguntzeko. Azkenik, hiperhidrosi kasurik larrienak konpontzeko kirurgia lokala erabili beharko da. Edozein kasutan, dermatologoari egindako bisitak zalantza guztiak uxatuko dizkizu.
news
argia-b338b21e200d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/merkurioaren-kutsadura-mugatzeko-legedia-egokitzear-da-europar-batasuna.html
Merkurioaren kutsadura mugatzeko legedia egokitzear da Europar Batasuna
Igor Agirre
2016-09-25 00:00:00
Merkurioaren kutsadura mugatzeko legedia egokitzear da Europar Batasuna 2013. urtean Nazio Batuen Erakundeak Minamatako Hitzarmena adostu zuen, merkurioak eragindako kutsadurari mundu osoan erantzuna emateko asmoz. Orain, Europako Batzordea, hitzarmena oinarri hartuz, legedi propioa berritzeko pausoak ematen ari da. Hainbat taldek lege proposamena nahikoa ez dela uste dute, eta araudia zorroztearen alde agertu dira. Merkurioak giza osasunean eta ingurumenean dituen eragin negatiboez arduratuta, Nazio Batuen Ingurumen Programak (NBIP) merkurioaren inguruko lehenengo ebaluazio globala egin zuen 2002. urtean. Bertatik ateratako ondorioak 2013an berritu zituen taldeak. 2009an, ordea, NBIPko administrazio kontseiluak juridikoki loteslea izango zen nazioarteko akordio bat osatzea adostu zuen eta horren ondorioz sortu zen 2013. urteko urrian eta NBEren babesean Minamatako Hitzarmena. Merkurioaren kutsadurari aurre egiteko, nazioarteko hitzarmenak Japoniako Minamata hiriaren izena hartu zuen. XX. mendearen erdialdean, hiri horretako biztanle ugari merkurioz kutsatutako arrain eta mariskoa jateagatik pozoitu ziren. Gertaera horregatik hain zuzen, Minamatako gaixotasuna deitzen zaio merkurio intoxikazio larriak sortzen dituen sindrome neurologikoari. Hitzarmena aurkeztu eta berehala, hainbat estatuk izenpetu zuten. Gaur egun, 128 sinatzaile ditu merkurioari buruzko nazioarteko akordioak. Onartu zen garaian, 2013. urtean, 2016rako loteslea izatea espero zen. Sinadura horiek, ordea, ez dituzte bertako araudi eta jarraibideak betetzera derrigortzen estatu sinatzaileak. Minamatako Hitzarmena lotesle bilakatzeko, 50 estatuk berretsi behar dute akordioa; hau idazteko unean, 29k besterik ez dute egin. Tartean, Frantziako eta Espainiako Estatuek hitzarmena sinatuta badute ere, oraindik ez dute berresteko pausoa eman. Minamata Europako legedira Gaur egun, Europar Batasuneko legeek merkurio purua eta merkurioa duten konposatuak esportatzea debekatzen dute, zenbait produktutan merkurioa erabiltzea galarazten dute eta merkurioak sortutako kutsadurari erantzuna eman nahi diete. Hala ere, alde batzuk daude Minamatako Hitzarmenaren eta EBn indarrean den legediaren artean. Hutsune horiek betetzeko asmoarekin, 2016ko otsailaren 2an Europako Batzordeak bi proposamen luzatu zituen Minamatako akordioa onartzeko aukera moduan: bata, Europar Batasunaren izenean hitzarmena berrestea edo bigarrena, merkurioari aurre egiteko araudi berria proposatzea. Azkeneko horri jarraituz, lege proposamen berria prestatzen ari da Batzordea. Orain arte, 2008ko Merkurioa Esportatzea Debekatzeko Araudia da gaiaren inguruko xedapen legal nagusia Europar Batasunean. Lege horren bidez debekatu zen EBk zenbait merkurio esportazio egitea 2011. urtetik aurrera. Zehazki, metalaren konposatuak eta harekin egindako nahasketak –pisuaren %95 gutxienez merkurioa den kasuetan– esportatzea dago galarazita ordudanik; aldiz, debekuak ez die eragiten bestelako merkuriodun produktuei. Europar Batasuneko legedia Minamatara egokitzeko proposamenen artean daude, besteak beste, merkurioaren inportazioa debekatzea artisau erabilerarako eta eskala txikiko urre meatzaritzarako. Horrekin batera, 2018rako, hortzetarako amalgama forma kapsulatuan soilik erabili ahalko da eta 2021. urte amaierarako hortzetako amalgamaren erabilera gradualki deuseztatzea proposatu da. Merkurio kantitate jakin bat duten produktuak esportatu, inportatu eta fabrikatzea ere arautu nahi dute proposamen berriaren bidez, eta aldi berean, merkurioaren erabilera berriak eragotzi nahi dituzte. Kritikak lege proposamenari Araudiaren zirriborroen jarraipena egin ondoren, Europako Ingurumen Bulegoak anbizio gutxiko proposamena aurkeztea kritikatu dio Europako Batzordeari. Beste gauza askoren artean, merkurio gehigarria duten produktuen esportazioa debekatzeko baldintzak gogortzea eskatu dute eta merkurioaren erabilera gradualki ezabatzea odontologian eta prozesu industrialetan. Suediak ere proposamena kritikatu du EBko Ingurumen Kontseiluan, anbizio gutxi duela iritzita, batez ere hortzetako amalgamei dagokienez. Europar Batasuneko legeek merkurioa esportatzea eta zenbait produktutan erabiltzea debekatzen dute Europako Ezker Unitarioa/Iparraldeko Ezker Berdea talde parlamentarioak ere kritikatu du Europako Batzordeak aurkeztutako lege proposamena. Taldearen ordezkariak, Stefan Eck eurodiputatu alemaniarrak, ikuspegi "minimalista" izatea eta anbizio falta egotzi dizkio Batzordeari, merkurioaren kutsadurari eta elementu horrek osasun publikoan sortzen dituen eragin negatiboei aurre egiteko orduan. "Batzordearen proposamena 'araudi hobea'-ren biktima izan da", dio Eckek, burokrazia gutxituz arautze-prozesuak sinplifikatzeko helburua duen Jean-Claude Junckerren estrategia kritikatuz. "Metodo errentagarriena aukeratzea kaltegarria da eta ez dator bat Minamatako Hitzarmenarekin. Argi dago proposamenak ez diola behar bezain besteko arreta jartzen interes publikoari", adierazi du alemaniar parlamentariak. Hainbat talde ekologistak abian jarritako Zero Merkurio Kanpainaren koordinatzaile Elena Lymberidi-Settimoren arabera ere, "Batzordeak gutxienekoetan oinarritutako proposamena aurkeztu du; legedia hobetzearen aitzakiapean, proposamenak kontsulta publikoa, industria aurrerakoienen ahotsa eta merkurioaren inpaktua ebaluatzen duten aurkikuntza zientifikoak baztertzen ditu". Europako Alderdi Berdea EBtik kanpoko herrialdeetatik merkurioa inportatzea debekatzearen alde dago, lege proposamenak dioen moduan. Bestalde, Europar Parlamentuko Equo alderdiko bozeramaile Florent Marcellesik azaldu duenez, "Batzordearen lege proposamenak, Minamatako Hitzarmenak baino asmo handiagoak baditu ere, merkuriodun produktuak EBtik kanpora esportatzeko eskubidea mantentzea ekarriko luke, europar barne merkatuan produktu horiei mugak ezartzen zaizkien arren". Marcellesiren hitzetan, "onartezina da politika hori, pertsonen osasunak balio bera baitu Europako herrialdeetan eta Europatik kanpokoetan". Ekologistak Martxan taldeko Leticia Baselgaren arabera, Minamatako Hitzarmena bera ere ez da nahikoa merkurioaren arazoari aurre egiteko. Baselgaren esanetan, "hitzarmena motz geratzen da, denbora luzeegia ematen duelako proposatzen dituen neurriei erantzuteko". Hala ere, beraren ustez, merkurioaren gaian arazoa legez kanpoko merkataritza da. Hori horrela, Indonesia, Mexiko eta Asia ekialdeko hainbat herrialdetan agertzen ari diren merkurio meatze berriak salerosketa gune garrantzitsu bilakatzen ari dira. Jarduera horrek mundu mailako urre-meatzaritza artisauak duen merkurio eskaria elikatzen du, bereziki Asian eta Latinoamerikan. Merkurioaren erabilera Europan Giza erabileraren ondorioz munduan sortutako merkurio emisioen %6 eragiten du Europak. Nolanahi ere, Europako Ingurumen Agentziak 2015ean argitaratutako datuen arabera, Europar Batasuneko kideen merkurio isuriak %74 gutxitu dira 1990etik 2013ra. EBko merkurio kutsatzaile nagusiak Polonia (%17,2), Alemania (%17), Italia (%13,4), Erresuma Batua (%10,1) eta Espainiako Estatua (%8,9) dira. Giza erabileraren ondorioz munduan sortutako merkurio emisioen %6 eragiten du Europak; iturri nagusiak ikatza erabiltzen duten zentral termikoak eta kloroaren industria dira Europan, merkurio kutsadura iturri nagusiak ikatza erabiltzen duten zentral termikoak eta kloroaren industria dira. Horiekin batera, meatzaritzak eta hondakinen deuseztatzeak ere eragin handia dute.   Europar Batasunean RASFF (ingeleseko sigletan) izeneko alerta sistema dago janarietarako eta pentsuetarako. Bertako datuen arabera, 2015. urtean metal astunengatik 138 abisu eman ziren, eta elementu horien guztien artean, merkurioaz gain, kadmioa, beruna eta artsenikoa ere baziren, besteak beste. Dena dela, 104 kasu arrainetan eta bestelako arrantza-produktuetan agertutako merkurioarengatik izan ziren. Aipatzekoa da arrainetan legez onartutakoa baino merkurio gehiago izateagatik emandako abisuen %65 estatu bakarrari zegozkiola: Espainiakoari.  Artisautzazko urre meatzariak, merkurioa erabiltzen. Hortzetako amalgama; Europako Batzordeak proposatu du 2018rako forma kapsulatuan bakarrik erabili ahal izatea halakoak, eta 2021era bitartean gradualki  erabilera deuseztatzea.
news
argia-2950f056dc43
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/iratiko-ekoizpenak-kooperatiba.html
Pirinioetan jan eta bizi
Garazi Zabaleta
2016-09-25 00:00:00
Pirinioetan jan eta bizi Bertako ekoizle txikiek eskaintzen digutena kontsumitzeak gure bailara eta herriei bizitasuna ematen dietela ezin uka. Bide hori sustatzeko sortu zuten Iratiko Ekoizpenak kooperatiba, Aezkoan (Nafarroa). Kooperatibak Orbaran dauka lokala. Taberna eta jatetxe zerbitzua dute, baita beren produktuak saltzeko denda ere. Kontratatutako bi bazkide langileez gain, bestelako bazkideen ekarpenekin funtzionatzen du kooperatibak: proiektua babesten duten bazkide laguntzaileak zerbitzuen bazkide diren nekazari edo abeltzain autonomoak, eta kontsumo bazkideak. Beren produktuen eraldaketarako kooperatibako sukaldea erabil dezakete azken horiek. Lan hori bertan eginda, osasun-baimen eta zigilu propioarekin merkaturatu ditzakete produktuok ekoizleek. Iratiko Xakiak Hori da Nafarroako Pirinioetako produktuak sustatzeko kooperatibak bultzatu duen zigilua: Iratiko Xakiak. Aezkoa, Erroibar, Artzibar eta Luzaideko bailaretan ekoiztutako nekazaritzako elikagaiak eta produktu artisauak biltzen ditu markak. Bertako produktuen babesetik harago, bultzatzaileek bailara horietako bizitzaren aldeko apustua ikusten dute proiektuan. "Bada aukerarik herri hauetan bizitzeko, bertan lan eginez, eta ez lotarako soilik erabiliz". Turismoari begira ere ate asko zabalik daudela diote kooperatibako kideek, orain arte ez baita ia bertako produktuen eskaintzarik egon turista dezente jasotzen dituen inguru horretan. Bultzada beharra Udalbiltzaren "Euskal Pirinioetan lan eta bizi" programan aukeratutako proiektuetako bat izan zen Iratiko Ekoizpenak kooperatiba. Elikagaien eraldaketarako enpresaren ideia buruan zeukaten hainbat bizilagunek lehenagotik, baina programak emandako diru-laguntza ideia proiektu bihurtzeko behar zuten bultzada izan zen. Erreportaje hau osatzeko Diario de Noticiaseko informazioa erabili da.
news
argia-c8c05597b22e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/mixeria-eta-kutsaduratan-itota-gaudenok-zergatik-maite-dugun-trump.html
Mixeria eta kutsaduratan itota gaudenok zergatik maite dugun Trump?
Pello Zubiria Kamino
2016-09-25 00:00:00
Mixeria eta kutsaduratan itota gaudenok zergatik maite dugun Trump? Beti kontserbadore bozkatzen duten estatuetako herritarrak AEBetako beste estatuetakoak baino pobreagoak dira, gutxiago eskolatuak, osasun txarragoa dute, estatu liberalenetakoek baino 5 urte gutxiagoko bizi itxaropena. Estatu gorriak –errepublikarren kolorea– txapeldun dira industriak eragindako kutsaduratan ere. Zergatik bozkatuko dute ingurumena zaintzeko legeak ezabatuko dituen Donald Trumpen alde? Arlie Hochschild (1940) soziologo iparramerikarrak ulertu egin nahi zuen: zergatik dabiltza sistema neoliberalak gehien kaltetu dituenak Tea Party mugimenduan eta Donald Trumpen aldeko kanpainan? Aurretik beste soziologo batek, Arthur O'Connorrek , erakutsia zuen 1992tik 2008a arte lehendakaritarako egin bost hauteskundeetan beti errepublikarrek irabazitako 22 estatuak direla ingurumen kutsadura arazo larrienak pairatzen dituztenak. Erantzunen bila Hochschild andereak bost urteotan, bere 76 urteekin, Kaliforniako Berkeley liberaleko erosotasunetik aldendurik behin eta berriro jo du Louisianako zingiretan krisi ekonomikoak eta multinazionalen kutsadurak izorratutako jendeak elkarrizketatzera. Haien arrazoiak entzunez ikasitakoak bildu ditu " Strangers in Their Own Land: Anger and Mourning on the American Right "  (Beren lurrean atzerritar: haserrea eta dolua AEBetako eskuinean) liburuan. The Guardian egunkariak aurreratu du atal oso bat, honela hasten dena: " AEBetako politikaren 'Paradoxa handiak' esplika dezake Trumpen arrakastaren sekretua ". Behin eta berriro lagun egin arte soziologoak bisitatu dituenetako bat da Lee Sherman, 82 urte, gaztetan futbolari izandako gizona, gaur taka-taka batez lagundurik nekez dabilena. Ez du kexurik, halere: petrokimikako faktoria batean lanean aritu ostean, taldean ziren 15 obreroetatik bera da bizirik dirauen bakarra. Lanik arriskutsuenetan ari izana baita Sherman. 1965ean hartu zuten PPG Pittsburgh Plate Glass konpainian, eta teknikari ona izaki, bere ardura zen kutsagai arriskugarriak zeramatzaten hodietako matxurak konpontzea, egunero borrokatuz dikloroetano, merkurio, berun, kromo, hidrokarburo aromatiko polizikliko eta dioxinekin. Istripuen artean eskapada galantak egina da Sherman.  Konpainiako nagusiek gehiago behar, ordea, eta usinako lanik arriskutsuena izendatu zioten. PPGren faktoriak sortutako hondakin kimikorik pozoitsuena, dikloroetanoaren fabrikazioak labe handien barrenean utzi pasta likatsua, kamioiz eraman behar zuen Bayou d'Inde zingira ederreraino. Zabor arriskutsuak bero-bero iritsi behar zuen, solidotu aurretik arrastorik utzi gabe errioko ur ilunetan hondoratu zedin. "Badakit ez nuela ondo egin", diotso soziologoari. "Toxinek hil egiten dute. Benetan sentitzen dut egin izana". Urtetan egin zuen garraio hilgarria Shermanek, azkenean ugazabengandik erruki gutxiko ordaina jasotzeko. Kimikoekin bera ere gaixoturik, zortzi hilabetez etxean egon behar izan zuen medikuen aginduz. Lanera itzultzean, hamabost urtez hutsik egin gabe enkargurik lanjerosenak konplitu ostean, absentismoa aurpegiratuz kaleratu zuten. Lee Shermanek maite ditu Louisianako Bayou deitu padurak, hango bizimodua eta jendeak, arrantzaren inguruko mundua. Eta ondo demostratua du. 1987an, zientoka fabrikak Louisianako padura paradisiakoetan bota izan eta oraindik botatzen dituzten pozoien erruz, AEBetako agintariek neurri zorrotzak ezarri zizkieten bertako arrantzaleei. Gobernuaren ordezkarien eta arrantzaleen arteko bilkura haietako batean Shermanek hitza hartuta ordu erdiz azaldu zien berak egindako garraio kutsagarria. Hala lortu zen arrantzale bakoitzarentzako 12.000 dolarreko kalte-ordaina. AEBetako "paradoxa handia" Louisiana da AEBetako zabortegi toxiko handiena. Auzo osoak suntsitzera iritsi dira kutsagaien ondorioak. Lehen bertako hondar kimikoak bezala, orain Pennsylvania eta urruneko beste estatuetan frackingak sortutako ur kutsatuak aintziraren hondoa zulatuta injektatzen dituzte. Ondorioz gertatu dira leherketak, lurrikarak eta baita etxeak eta are kale osoak ere irentsi dituzten lubakiak ere. Jende asko mobilizatu da bayouen defentsan, talde eta koaliziotan bildu dira arotz, irakasle eta nekazariak, mugimendu sozialak ugaritu dira nonahi. Baina horietako gehienak errepublikanoen Tea Partyren inguruan mugitzen dira. Arlie Hochschildek urteotan elkarrizketatu dituen jendeen artean ohikoena hori da: beren bizitzako gertakizun nagusia izanik industriak traizionatu eta zanpatu dituela, lanik gabe utzi, komunitate osoak suntsitu... hala ere berek sentitzen dute –eta bozkekin erakusten– traizioa AEBeko gobernu federalak egin diela. Ingurumen legeak ez betetzearen biktimak izanik, botoa emango diote dauden lege pittinak ere kentzea iragarri duen Trumpi. Horchschilderen intepretazioan, " Paradoxa handia " den horren oinarrian dago Bill Bishopek The Big Sort –"Multzokatze handia"– liburuan azaldutako amerikarren polarizazioa: gaur egun herritarrak ez dira nahasten, leku batetik bestera bizi hobe baten bila mugitzean. Gero eta gehiago berdinak berdinekin elkartzen dira, bizimodu eta ideia antzekoak dituztenen artean, eta talde bakoitza berean erradikalizatuz doa. Telebista kate berdinak, blog eta eliza berdinak, eztabaidagai berdinak... Talde bakoitzak garatzen du sakoneko kontakizun bat –deep story– jokabide eta politikoak hobeto azaltzen dituena testuinguru ekonomiko eta sozialak berak baino. Sakoneko kontakizuna sentitzen da egia balitz bezala, iritziak eta gertakizunak aldatzen ditu, azaleratzen du jendeak sentitzen duena. Hautu politiko bateko jendeari laguntzen dio beste taldearekiko bereizkuntza mantendu eta haren ikuspegia azaltzen. Horchschildek metafora batez mamitu du Louisianan neoliberalismoak zanpaturik Trumpi botoa emango dietenen sakoneko kontakizuna. Hona. Jendea ilaran jarrita dago mendira igotzeko zain, eta zu zure txanda errespetatzen zaude pazientziaz. Orduak aurrera ahala eguzkiak berotzen du, zu ez zaude oso gustura, lerroak ez du aurrera egiten, batzuetan atzeraka zoazela dirudi, gauzak okertu dira urteotan. Amerikarron legea beti da aurrera egitea, eta orain ez dago aurrerapenik. Hala ez zara kexatzen, amerikar arduratsua zara. Baina... begira! Ilaran kolatzen hasi dira. Zein ote? Beltzak, etorkinak, musulmanak... Horientzako dira zuk aurrera egiteko urteotan behar zenituen eta ukatu dizkizuten laguntzak. Eta nor dago hau guztia baimentzen? Obama presidente beltza! Horchschild: "Aitortu gabeko klase gerran, american dream-aren zain nekatu eta haserreturik, herritarrongan handitu da lerroan txanda 'lapurtzen' dutenak babesten dituen gobernu federalarekiko gorroto bizia. Gorrotatzen dituzte laguntza publikoak behar dituzten jendeak. Ez dute ikusi nahi beraiek ere laguntza publikoa behar dutela beren etxe suntsituak konpontzeko".
news
argia-ad24d54fadf3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/lurrikarak-atzemateko-dragoiak.html
Lurrikarak atzemateko, dragoiak
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-09-25 00:00:00
Lurrikarak atzemateko, dragoiak Luoyang (Txina), K.o. 132. Zhang Heng (78-139) kartografo, matematikari, astronomo, margolari eta idazleak lurrikarak antzemateko gailu bat aurkeztu zuen Ekialdeko Han dinastiaren gorte inperialean, sismografo modernoak asmatu baino 1.700 urte lehenago (Milne, Ewing eta Grayk Japonian garatuak, 1880ko hamarkadan). Zhangen sismografoa brontzezko pitxer handi moduko bat zen, bi metro inguruko diametroa zuena. Puntu kardinalak seinalatzen zituzten zortzi dragoi zituen erantsita eta dragoi bakoitzak kobrezko bolatxo bat zeukan ahoan. Lurrean, zortzi dragoien azpian, beste hainbeste igel zeuden, horiek ere puntu kardinaletan kokatuta, ahoa zabal-zabalik. Lurrikara gertatzen zenean pitxarraren hutsuneak dardararen anplifikadore moduan jokatzen zuen eta pendulu bat mugiarazten zuen. Penduluak barruan zeukan mekanismoa abian jarri eta dragoietako batek zeukan bolatxoa askatzea eta igelaren ahoan sartzea eragiten zuen. Metalen talkak egiten zuen zaratak jakinarazten zien ingurukoei lurra dardarka hasi zela eta bola irentsitako igelak adierazten zuen lurrikara zer norabidetan gertatu zen. Zhang Hengen seismo detektagailuari ezin zaio teknikoki sismografo edo sismometro deitu, lurrikararen intentsitatea ez baitzuen neurtzen; sismoskopio esan beharko genioke, mugimendu sismikoa gertatu zela soilik adierazten baitzuen. Baina badirudi zientzialari eta artista txinatarraren tramankulua oso zehatza zela. Behin, 143. urtean, sismoskopioak lurrikara izan zela adierazi zuen, mendebaldeko dragoiak bola askatuta. Baina Luoyangeko gortean ez zuten dardararik txikiena ere sumatu. Besteak beste, ilargi eklipseen azalpen zuzena eman eta egutegia urtaroekin bat etor zedin egokitu zuen jakintsuaren asmakizunak kale egin ote zuen? Handik egun batzuetara mezulari bat iritsi zen jauregira, esanez lurrikara bat izan zela Gansu probintzian, Luoyangetik 600 bat kilometrora, mendebaldean.
news
argia-595556fa2e0a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/ibilbide-gidatuak.html
Atzoko, gaurko eta biharko Gasteiz euskalduna ezagutzen
Onintza Irureta Azkune
2016-09-25 00:00:00
Atzoko, gaurko eta biharko Gasteiz euskalduna ezagutzen Euskara aspaldi desagertu zela Gasteizen, oraindik ere askotxoren ustea da. Lekukotzek garbi adierazten dute ez dela hala. Geu elkarteak ibilaldi gidatuak eskaintzen ditu, euskaraz eta gaztelaniaz, Gasteiz eta euskararen arteko lotura etenik gabea azaltzeko. Urri bukaeran Afrika iparraldeko darija hizkuntzan ere egingo dute ibilbidea. Gladys Giraldo Velásquez kolonbiarra da sortzez eta urte asko daramatza Gasteizen. Gaztelaniaz egin zuten ibilbide gidatuan hartu zuen parte. Zapuztuta dago Giraldo, ez duelako euskaraz egiten, ez duelako ikasi. Arrazoi politiko, kultural eta sozialengatik euskara beharrezkoa dela iruditzen zaio. Horregatik, seme-alabak ikastolara eraman zituen, heziketa euskaraz egitea oso garrantzitsua zela uste baitzuen. Ibilaldi gidatua interesgarria iruditu zitzaion, "hainbat tokitara joan ginen eta historia zatiak kontatzeak emozionalki ere gerturatzen zaitu, jakina historia bera ere garrantzitsua da". Andereñoek egindako lana azpimarratu du Giraldok. Klandestinitatean irakasten zuten andereñoen berri bazuen, baina Gasteizko adibide zehatzak ez zituen ezagutzen, eta izen-abizenak jartzea, eta kale jakinetan kokatzea, interesgarria iruditu zitzaion. Euskararen historian emakumezko erreferenteak lantzea ere gustatu zitzaion: "Historiako erreferenteak gizonezkoak dira eta ikastolakoak emakumeak dira. Ikusgarritasuna hartu zuten, eguneroko lana, inurri lana, erakutsi zuten". Atzera begira bakarrik ez, gaurko eta biharko kontuak ere ezagutu zituen Giraldok ibilbidean: "Garai bateko kontuak ziren ikastola klandestinoak, baina Ramón Bajo ikastolaz hitz egin genuen eta hori gaurko kontua da, nola eskola euskalduna bihurtu den, D eredua". Haurrak ikastolara eraman zituztenak bisitarien artean Petra Nisok, haren senarrak eta beste bi lagunek ere ibilaldi gidatua egitea pentsatu zuten. Niso Burgoskoa da. Berak eta bere senarrak ez dute euskara ikasi,  baina seme-alabak ikastolara eraman dituzte, "kontzientzia politikoa genuen eta euskararen alde egin genuen". Ibilbidetik gogoan du ikastolak klandestinitatean egon zireneko garaia. Giraldok eta Nisok parte hartu zuten saio hartan gehiena jende nagusia zen. Batzuk betiko gasteiztarrak, beste batzuk Espainiatik etorritakoak 60 eta 70eko hamarkadetan. Batzuek eta besteek euskara ikasteko aukerarik ez zuten izan, eta denek haurrak ikastolara eraman zituzten. Guztiz galdu al zen euskara Gasteizen? Zergatik antolatzen ditu Geu elkarteak halako ibilbideak? Galdera hori egin diogu Azaitz Unanue gaur egun gidari lanak egiten dituen Geu elkarteko kideari: "Hemen askotan entzuten da euskara aspaldi galdu zela Gasteizen, Erdi Arotik aurrera pixkanaka galtzen joan zela. Jendeak usteko du asko jota XVIII. mendean hitz egin zela azken aldiz". Gasteiz eta euskararen historiaren arteko lotura lekukotzen bidez azaldu nahi zuen elkarteak, hasieran euskaraz, euskaltegientzat, ikastetxeentzat, mintzalagunentzat, euskaltzaleentzat, eta gero gaztelaniaz ere bai. Era honetako galderak erantzuten saiatzen dira ibilbideetan: Zergatik bi izen gure hiriak: Vitoria eta Gasteiz? Euskarazko lehen hiztegia Gasteizen! Egia al da hori? Ba al da idazle euskaldunik Gasteizen? Gaur egun ere euskaldun gutxi al dago Gasteizen? Ordu eta erdi irauten du ibilbideak eta Alde Zaharretik ez dira ateratzen. Sei atal jorratzen dituzte: lekukotzak, irakaskuntza eta hezkuntza; gizarte mugimenduak; helduen alfabetatze eta euskalduntzea; kultur adierazpenak; eta eragile instituzionalak eta proiektu berriak. 2011. urtean izan zuen sorburua egitasmo horrek. Euskaltzaleen Topaguneak Arabako Mintza Egunerako halako ibilbide bat proposatu zuen. Gasteizen euskararen historia laburtzen zuen gidoia baliatuta garatu da Atzoko, gaurko eta biharko Gasteiz euskalduna ibilbidea .
news
argia-2f676a8d6b86
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/legebiltzar-berrituan-ere-aldaketarako-aukera-lausoak.html
Legebiltzar berrituan ere, aldaketarako aukera lausoak?
Axier Lopez
2016-09-25 00:00:00
Legebiltzar berrituan ere, aldaketarako aukera lausoak? Hauteskunde kanpainan bete-betean sartuta batu ditugu EHUko ikus-entzunezko komunikazio eta publizitate sailean irakasle den Estitxu Garai Artetxe (Gordexola, 1985) eta Aztiker soziologia ikerguneko kide Asier Etxenike Ugarte (Orereta, 1979). Elkarrekin Ahal Dugu indar politikoaren sarrerak Eusko Legebiltzarra aldatuko du eta honenbestez, akordio berriak ikusteko aukera izango da. Nola ikusi duzue kanpaina? Estitxu Garai: Kanpaina oso laburra egin zait, uda tarteko eta hauteskundeak aurreratuta, aurre-kanpainarik ia ez da egon. Oso zaila izan da Espainiako agendatik askatzea eta kanpaina abiatu denean, orduan hasi da hemengo gaiei buruz hitz egiten. Asier Etxenike : Espainiako Kongresuko saltsa guztia urtebetez luzatu da, orain markoa aldatu eta inoizko epe laburrenean jendeak bere burua berriro kokatu beharko du. Hori berria da. Boto dualaz –hauteskunde motaren arabera botoa aldatzea– hitz egiten da, Euskal Herrira iristen ari dela Katalunian ohikoa izan dena. Dualitate horretarako ere marjin txikiagoa eman digute. Eraginak ikusteko daude. Jendea nekatzen ari da hauteskundeekin ala galdetuak izatearekin pozten gara? A. Etxenike : Jendea nekatuta dago, bereziki Espainiako Estatuan urtebetez gauza beraz hitz egiten aritu beharraz: presidentea egongo den ala ez. Halere, erabakiak hartu behar direnean jendeak behar demokratiko hori sentitzen du. "Ni ez banaiz joaten beste batzuk joango dira" moduko ideiek indarra hartzen dute eta azkenean aukera txar guztietatik onena bozkatzera joaten da lagun asko. E. Garai : EAEn askok ez dakite hauteskundeak direnik ere, bereziki gazteen artean. Badirudi politikaz asko hitz egiten dugula, baina gero zer neurritan ez ote da oso eremu konkretuko jendea? Interesak ez ote daude beste toki batean? Ez dakit lortu den hauteskundeak bereiztea, orain bozkatuko dena beste kontu bat dela ikusaraztea. Abstentzioaren datuak oso garrantzitsuak izango dira. Inkestek eragin handia dute kanpainan eta arma gisa erabiltzen dira. Azken aldian zenbait inkesten oso iragarpen okerrek mesfidantza sortu dute askorengan. A. Etxenike : Gauza bat dira inkestak, beste bat estimazioak eta beste bat publikatzen dena. Estimazioak ez dira zientifikoak. Inkesta elektoraletan jende askok berez ez dizu egia esaten edo ez dizu erantzun nahi. Zailtasun handia dauka eta bakoitzaren interpretazioak pisu handia du. Publikatzen dena eraikuntza soziala da eta sekulako indarra dauka. Azken hauteskunde europarren ostean bi urtez izan ginen hauteskunderik gabe, tarte horretan sekulako gorakada ematen zitzaion Podemosi eta denok egiatzat hartu genuen, maila batean ala bestean. Argitaratu zenetik errealitatera jauzi handia zegoela argi geratu zen gerora. Estimazio puntual batek eduki dezakeen manipulaziotik harago, nahiz eta zintzotasun guztiarekin egin, ezin duzu inoiz ziurtatu hori benetan horrela izango denik. Nik nahiago nuke hiru hilero horrelako inkestak egin, joerak ikusteko, horiek dira eta garrantzitsuenak. Asier Etxenike: "Inkestei buruz publikatzen dena eraikuntza soziala da eta sekulako indarra dauka" E. Garai : Inkestak arma politikoak dira gaur egun. Inkestei esker, besteak beste, barneratu egin da boto dual hori egon egongo dela. Orain hiru hilabete eztabaida politiko guztietan zalantzan jartzen zena, orain jada barneratuta daukagu. Ez da kasualitatea inkestak ugaltzea. Inkestek duten sukalde lan horri buruz, soziologoek atzean egiten dutenaz ezjakintasun handia dago. Kanpainetako beste zutabeetako bat hedabideak dira. Nola ikusi duzue beren jarrera, eta bereziki hedabide publikoena? E. Garai : Gauza txar guztiak hedabideei egoztea ez litzateke zuzena, baina panorama mediatikoak eragin handia dauka euskal gizartean. Espainiako hedabideek gurean dituzten audientziak ikustea besterik ez dago. Ezkerreko erreferenteak ere hortik sortu dira azken aldian. "Telebista = manipulazioa" eskema barneratua zuten zenbait sektoretan orain mezu batzuk filtro barik barneratzen ari dira. Hedabide publikoek aniztasuna bereziki zaindu behar lukete eztabaida politiko guztietan, gizartearen ispilu izaten saiatu, iritzi-emaileen kopuru eta izaera aldetik. Tranpak badira, noski, eta kazetarien profiletan, adibidez, desoreka handia dago. Emakumeen presentzia kanpainan handitu da. Itxura ala lorpena? E. Garai : Borroka feministaren ondorioa da. Egiteko asko badago ere, herri honetan zorionez gero eta zentralitate handiagoa hartzen ari da feminismoa eta horrek alderdi politikoetan ere eragiten du. Halere, alderdi politiko gehienen erreferente nagusiak gizonezkoak dira. Hauteskundetako EAJren kartelak ikustea besterik ez dago horretaz jabetzeko. A. Etxenike : Emakumeen bozka irabazi nahiagatik, erreferentzia berriak sortzeko gogoagatik edo feminismoan sinesten dutelako, edozelan ere, borroka feministaren lorpena da. Halere, alderdien benetako bizitza ez da karteletan ikusten dena. Ardura politikoak, aholkulariak eta beste aztertuz gero, gizarteko beste egituretan baino desoreka handiagoak daude alderdietan. Estitxu Garai: "Emakumeen presentzia kanpaina honetan borroka feministaren ondorioa da" Gatazkaren ondorioek eta identitatearekin lotutako gaiek kanpainan presentzia galdu dutela dirudi lana edo justizia sozialaren mesedetan. A. Etxenike : Etiketak jartzea eta sailkatzea korapilatsua da. Horren arabera badirudi talka dagoela kontu identitarioen eta sozialen artean. Nire ustez, dikotomia hori faltsua da neurri handi batean. Beste arrazoi batzuen artean, Euskal Herrian ezkerreko mugimendurik handiena identitarioa delako eta hauteskunde hauetan ere indarra izango duelako. Krisiak eta neoliberalismoak ziklo politiko berri bat ekarri dute, eta burujabetzarekin lotutako gaiek pisua irabazi dute. Termino demokratikoetan dago kokatuta eztabaida, baina horren azpian elementu identitarioak, kulturalak, linguistikoak, nazionalak eta bestelakoak daude. Nolabaiteko konfiantza dago horiek berez bide onetik doazela, ezer egin gabe gauzak hobetuko direlakoan. Hizkuntzaren berreskurapena da adibiderik esanguratsuena, eta beraz, gai horietan gatazka gutxiago ikusarazten da. Hor nahasmendua eta noraeza dago, baina ez da gai horiek pisu txikiagoa dutelako. E. Garai : Ados Asierrekin. Akats handia litzateke alderdi abertzaleen partetik, ardatz identitarioa galtzea. Diskurtsoa termino demokratikoetan planteatzea zentzuzkoa da eta jendeak ikustea erabakitzeko eskubideak euskaldunei hobeto bizitzea ekar diezaiekeela, baina horrek ez du esan nahi izaera, hizkuntza, edo bertako kulturarekin lotutako funtsezko aldarrikapenak alboratu behar direnik. Ikusten dut badagoela tentazioa diskurtsoa handik urruntzeko. Euskal Herrian ezkerrekoa edo iraultzailea eta euskaltzalea izateak, adibidez, guztiz egiten du bat. "EAEn Espainian baino hobeto gaude" ikusmoldeak zenbateko pisua du? A. Etxenike : Alderaketa hori da estatu egiturarik ez edukitzearen adierazlea. Datu ekonomikoek etengabe marko horretan kokatzen gaituzte, Espainiaren barruan erkidegoka banatuta. Nahiz eta kudeaketan daudenek hori azpimarratu nahi ez izan, berez etortzen zaizkigu. Etengabe marko horretan mugitzen gara. Horrek badu guretzat autokonplazientzia puntu bat. Besteak baino hobeto ei gaudenez, lasaitasuna ematen du eta borrokatzeko grina apaldu. Hemen boterea dutenek oso ondo kudeatzen dute hori. Podemos eta EH Bildu ideia horri eraso egiten saiatu dira eta EAJ orduan hasi da Europako bataz bestekoarekin alderatzen. Horrek ere ez du zentzu handirik, estatu zehatzekin alderatu beharko bailitzateke. Datuek komunikatiboki kriston pisua daukate eta politikariek ere gustuko datuak baino ez dituzte erabiltzen. E. Garai : Espainiarekin konparatzean datuak positiboak izan ohi dira. Europako beste herrialde batzuekin erkatuta, ordea, azpitik gaude. Hor tranpa dago. Ikuspuntu independentista batetik badu potentziala, arlo sozialari dagokionez. Hau da, hemen gauzak beste modu batean egin daitezke eta egun ez dira egiten estatu egitura batek galarazten duelako. Alderaketa horiek badute indar diskurtsiboa. Beste kontu bat da gure erreferente bakarra Espainia izatea. Hori kaltegarria iruditzen zait. Estitxu Garai: "Pena da kanpainan ez egotea presenteago gobernu aldaketa eman daitekeela, ilusioa sor zezakeen" Araban eta Gipuzkoan alderdien arteko leiha biziagoa da, baina Bizkaian, aurreko hauteskundeetan Podemos garaile izan bazen ere, EAJk berriz aise irabaziko duela dirudi. A. Etxenike : EAJko buru batek behin esan zidanarekin erantzungo dizut: EAJ oso kudeatzaile ona da, zerbitzuen ikuspegi batetik. Eta herritarra ohitu da administrazioari hori eskatzen. Hori ongi egiten duzun bitartean, hor egongo zara. EAJk gaitasuna du fokuak baretzen komunikatiboki min handia egin gabe, eta horri erantzuten diote Bizkaiko emaitza onek. Gatazkarik ez da sortzen, gehiengoak status quo-aren, egonkortasunaren eta lasaitasunaren alde egiten du. Beste herrialdeetan alternantziak egon direnez, balizko aldaketek ez dute beldur hori sortzen, eta gainera, gatazkak eta higadura sortzeko aukera gehiago dago. Bizkaian Espainiako hauteskundeetan ez dago arazorik Podemos bozkatzeko, beste zerbait erabakitzen zelako, baina hemengo hauteskundeetan EAJ bozkatuko du askok. E. Garai : EAJk oso ongi daki hitz egiten bere boto-emaile potentzialei. Kudeaketa eta egonkortasunaren ideiak oso hedatuta daude. Egonkortasuna erakundeetan zerbait positibo gisa proiektatzen da. EAJk ongi kudeatzen duela dio, Espainiaren antitesiaren gisara. Alternatiba proposatu nahi duten guztientzat erronka da hemen ere injustizia handiak daudela erakustea eta horien ordezkaria instituzioetan EAJ dela, bere kudeaketa modua. Hor egon liteke gakoa Bizkaian eta hirigune handietan jendearekin konektatzeko. Espainiako estatuan Podemosek sortu zuen aldaketaren ilusioa gainbeheran datorrela dirudi. Nola eragingo du hemen? E. Garai : EH Bilduren "hemen bai" leloak hori ordezkatzen zuen, Espainian ezin dela aldaketarik eman, eta hemen bai. Desilusio horrek eragina izango du hauteskunde hauetan. Podemosen fenomenoa marka parametroetan aztertu behar da. Politikan dagoen joera orokorra da: erabakiak ez dira hartzen hainbeste mezuak aztertuta, baizik eta sentsazio orokorren bidez. Podemosen horrek eragin handia izan du. Nik uste higatuta heldu direla. Pablo Iglesias etorri zen eguna kenduta, oso jende gutxik hartu du parte Ahal Duguren kanpainako ekitaldietan. A. Etxenike : Podemosen bat egin dute gauza askok. Oso bozka emozionala izan da. Egun osoa pasatzen dugu haserre, lanean nekatuta... horregatik futbolak du arrakasta, noizean behin irabazle sentiarazten zaituelako. Politikan ere horrek asko funtzionatzen du eta Podemosekin lerrokatzea erraza zen. Espainiako hauteskundeetan PP kentzeko aukera zela zabaldu zen gainera. EAEko hauteskundeetan, ordea, beste gako batzuk sartzen dira: ez da PP kendu behar eta emozionalki ere behera etorri da Podemosek beste herrialdeetan izan dituen emaitzengatik. Gainera, hautagaiarekin ez dute asmatu. Helburu zuten ezker abertzalearen bozka kopuru handi bat bereganatzea, eta horregatik hautatu dute Pili Zabala, baina nire ustez, ez du funtzionatu. Ikusteko dago ea mobilizatzeko gai diren beste boto mota bat, ez hain politizatua edo humanistagoa dena. Orain erakutsiko da neurri handi batean Podemosen oinarria zein den. Nire ustez, sabaia jo dute, gehien bat EAEn. Asier Etxenike: "Espainiarekin erkatuz, besteak baino hobeto ei gaudenez, lasaitasuna ematen du eta borrokatzeko grina apaldu. Hemen boterea dutenek oso ondo kudeatzen dute hori" EH Bildu eta Podemosen arteko ituna posible al da? EAJ eta PSE-EE baino gehiago izatea lortuko dute? E. Gara i: Nire ustez aukera bat galdu da. EH Bildu eta Podemos, EAJ eta PSE-EE baino gehiago izan ahal izatea diskurtsiboki lantzeko aukera ere galdu dute. Posibilitate hori bazterrera eramatea EAJren abilezia iruditzen zait. Podemos eta EH Bildu elkarren lehian sartzea, eta beste eremuak umezurtz uztea akatsa da. Pena da kanpainan ez egotea presenteago gobernu aldaketa eman daitekeela. Ilusioa sor zezakeen. Askotan Podemos Estatuaren tresna gisa ikusten dut, Katalunia eta Euskal Herriari begirako tresna, gose soberanista eta independentistari alternatiba atsegin bat. A. Etxenike : Nafarroan ozta-ozta gertatu zen aldaketa eta neurri handi batean nafarrek aldaketa mahai gainean jarri zutelako, baina hemen ezinezko ikusten dut. Ez da EH Bilduk nahi ez duelako, baizik eta Madrildik hemengoa kudeatzen ari direnez, oso zaila delako. Nola irudikatuko duzu EAJ erditik kentzea, EH Bildurekin ezer egin gabe? Hemengo Podemosentzat aukera galdua izan dela uste dut. E. Garai : Iker Casanovak telebistan aipatu zuen EH Bilduk zentralitatea hartuko duela. Batetik, herri proiektua partekatzen du EAJrekin, eta bestetik, ezkerreko ardatz soziala Podemosekin eta zenbait gaitan PSE-EErekin. Legegintzaldi honetan ere akordio batzuetara heldu dira. Interesgarria litzateke emaitzak estuagoak balira EAJren jarrera nola aldatuko den ikustea. Gaur dagoen egonkortasuna ona da EAJrentzat. Duela bi legegintzaldi EAJri Gasteizko Gobernua "kendu" zioten PSE-EEk eta PPk. Orain EAJren makulu nagusiak izango direla dirudi. A. Etxenike : EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengo absolutua lortuko, orain arte inoiz ezagutu gabeko egoera da. Gutxiengoan gobernatuko dute eta parean legebiltzarkide mordoa izango dute kontrako posizioan. Ez alderdi bakarra, bigarren eta hirugarren indarrak baizik. EAJ ona da egoera berrietara moldatzen eta Podemosek zer jarrera hartuko duen ezezaguna da. Ez dakigu ea PSE-EEren ordezkoa izango den ala bestelako politika batzuei lehentasuna emango dieten. Panorama asko aldatuko da. Aukera berriak sortuko dira. EAJk egonkortasun itun bat egitea PSE-EE eta PPrekin, aurrean EH Bildu eta Podemos izanda, oso ezberdina da. EAJ eta PPren arteko elkarlana posible al da? A. Etxenike :  Egun nik ez dut ikusten PP EAJ babesten, zentralizazio politiketan murgilduta daudelako. Rajoy gobernuburu jartzeko saioan ez dute EAJren babesa bilatu, Senatuko mahaiaren harira gertatu zena gertatu zela. PP Estatua zentralizatzera doa, berrantolaketa berri batera, eskumen gutxien aitortzera, eta beraz, zail ikusten dut EAJ babestea. Ez dut ikusten harreman horretan egonkortasunik. E. Gara i: Ezinezkoa ematen zuen egoeretan ere ikusi izan ditugu elkarren artean konpontzen. EAJk eta PPk aurkitu izan dute modua akordioak bien gustura irudikatzeko. Ezin dugu pentsatu azken hamarkadetan ezer gertatu ez balitz bezala. A. Etxenike : Nik ez diot EAJk ez duela gaitasunik edo gogorik, baizik eta PPk ez diela aukerarik emango horretarako. PPri ongi doakio, bipartidismoak alternatibak erditik kendu ditu eta koroarekin egin bezala, aldatu eta aurrera egin dute.
news
argia-ea74a0bed2a7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/jazz-gauak-irunean.html
Jazz gauak Iru�ean
Julen Leuza
2016-09-25 00:00:00
Jazz gauak Iru�ean Asteartea da eta Iruñeak ez du kultur eskaintza handirik gauerako, ohiko moduan. Urrun geratu dira egunero rock eta pop kontzertuak aditzeko aukera zegoen garaiak, diotenez, guk ez baititugu ezagutu. Arratsaldez lan egiten dugunok ez dugu arazo handiegirik astean zehar gauez kontzertuak aditzeko eta bide batez zerbeza pare bat hartzeko. Hala bada, lanetik atera eta afaltzeko geratu gara alde zaharrean. Gaur hasiko dira berriro jazz kontzertuak Garazi tabernan, eta joatea erabaki dugu. Iaz arte astearteez gain ostegunetan ere bazegoen jazz musika entzuteko aukera Infernu tabernan (Kaldereria karrikan biak), baina azken Jam session hau bertan behera geratu zen parte hartzaile nagusiek hiria utzi zutenean. Ez da harritzekoa Iruñean jazz musikari ugari egotea, goi mailako kontserbatorioan espezialitate honetako ikasketak ematen direla kontuan hartuz (hau bai dela harritzekoa). Formatua beti da bera: lehen txandan kontzertua eta gero Jam session parte-hartzailea. Gaurkoan kontzertura datorren hirukotea ez da makala: Alberto Arteta saxoan, Kike Arza kontrabaxuan eta Juanma Urriza Boli baterian. Oholtzara igo dira eta hasi da Arza kontrabaxuarekin marrazki eta motibo azkarrak jotzen. Inprobisazio hutsa dela uste genuenean, sartu dira beste biak, batera. Lehen pieza amaitu eta gero eskerrak eman dizkiote gerturatu den publikoari (taberna betea dago) eta azaldu dute haien obra propioak direla, entseatu gabe jotzera animatu direla gehituz. Entseatu edo ez, kalitatea muturrekoa da. Egitura ezberdinak antzematen dira piezetan, guztietan inprobisazioari leku handia emanez. Estiloa ez da klasikoa, armoniek nirea bezalako entzumen tradizionala momentu oro engainatzen dute, eta egia esan adibidez jazz estandarrekin eginiko Jam session bat baino askoz ere zailagoa da entzuteko hau, baina joleen gaitasun musikalak entzulea kontzertuan guztiz murgiltzea lortzen du, bateria-jolearen kasuan zerbait hipnotikora helduz. Ordu bete inguru egon eta gero, publikoaren estimuarekin amaitu dute kontzertua. Tarte bat pasata, Jam session ari eman zaio hasiera. Orokorrean kontserbatorioko ikasleak dira parte hartzaileak, baina beti dago handik edo hemendik etorri den musikaririk. Aurpegi asko ezagunak dira, asteartero hitzordura huts egiten ez dutenak. Baxua (kontrabaxua gaur), bateria eta gitarra da oinarria normalean, eta gero teklatua eta haize instrumentuak gehitzen dira. Denen artean estandar ezberdinak aukeratzen dituzte (40-50 hamarkadako be-bop klasikoak izaten dira gehienak) eta gaia jotzen dute, gaiaren akordeen gainean bakoitzak inprobisazio tartea egiten duelarik, hartara denek berriro gaiarekin amaitzeko. Inprobisazio munduak badu mirari bat, gaia hamaika aldiz entzun baduzu ere soloek beti emango dizutela zerbait berria. Horrela bada, gaua luze egiten da astearte gauetan taberna honetan. Hainbat faktorek xarma handia ematen diote, adibidez Iruñea bezalako hiri txiki batean, non musika modernoak ez duen inoiz garrantzi handirik eduki, halako musika eta musikariak topatzea, jotzeko gogoz beti. Hasieran aipaturiko kultur eskaintza urriak garrantzia handia ematen dio dagoen edozeri, eta honez gain, masifikatu gabeko edozein fenomeno beste modu batean miresten da beti. Musikak gauza liluragarri hauek ditu.
news
argia-d40d9264c8c4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/juan-gorriti-eskultorea.html
"Nirea da Art-behar, Art-natur, Art-denbora... beharrak, naturak eta denborak sortutako zerbait delako"
Reyes Ilintxeta
2016-09-25 00:00:00
"Nirea da Art-behar, Art-natur, Art-denbora... beharrak, naturak eta denborak sortutako zerbait delako" Baserria eta natura dira Gorritiren inspirazio iturriak. Batean zein bestean oharkabean sortzen eta egiten den artea jaso nahi du. Zuraren maitale amorratua, altzariak, eskulturak, margolan koloretsuak eta ipuinak egiten ditu. Denetik eta dena bere modura. Irailaren amaierara arte Aralar itsasmira bere erakusketa ikus daiteke Donostiako Miramar jauregian, Aralarko zati bat itsasoari besarkatuta. Larraunen sortu eta Araitzera berehala etorri zinen bizitzera? Aita Uharte Arakilgoa zen. Errepideak egiten ibili zen lanean, gero lorezaina izan zen orain Chillida-leku den tokian, orduan Txurruka familiarena, eta gero mendiko guarda etorri zen Aralarrera. Ni Oderitzen jaio nintzen, baina berehala Betelura etorri ginen. Txikitan eskolan beti gaizki. Ni beti zigortuta. Makila ikusi orduko leihotik salto egin eta mendira korrika joaten nintzen. Eskolako denbora hala pasa zen. Begira zer kantatzen genuen: "Cálzame las alpargatas, dame la boina y dame el fusil. Voy a matar más rojos que flores tiene mayo y abril". Nik galdetzen nion aitari rojo zer zen eta aitak, beti beldurrez, isiltzeko esaten zidan. Hor hamahiru urte arte egon nintzen, gaixotu arte. Odola galtzen nuen urdailetik eta erietxera eraman ninduten ebakuntza egitera. Eta ondoren Iruñera ikastera? Bai. Zuhaitzak markatzera etortzen zen Diputazioko enplegatu bati laguntza eskatu zion amak eta haren bidez Salestarren ikastetxean hartu ninduten. Entxufeagatik sartu nintzen, eskolan ez nuelako ezer ikasi. Aukeratzerik ez eta azken postuan nengoenez sastre ikastea egokitu zitzaidan. Hura desastrea! Nik ezin nuen jostorratzarekin eta hala esan nion Tolosan sakramentino nuen anaia fraideari. Haren laguntzaz lortu nuen inprentara pasatzea eta hor ongi nengoen, polita zen lana, baina nik izugarrizko inbidia nien zurgintza ikasten zutenei, egurra maite nuelako. Kasualitatez plaza bat libre gelditu zen zurgin tailerrean eta hara sartu nintzen. Zeinen gustura ibiltzen nintzen hor! Jolas-orduan eta guzti aritzen nintzen gelditu gabe. Irakasle italiar bat zegoen, bikaina. Marrazketan eta praktiketan oso nota onak ateratzen nituen baina matematikak, fisika eta horrelakoetan oso gaizki ibiltzen nintzen. Hortik lanera? Ikasturte eta erdi han eman ondoren Arribera etorri nintzen Noguera tailerrean lan egitera. Han ikasi nuen baserriko egurrezko tresnak eta lanabesak egiten eta konpontzen. Gero Segurara joan nintzen eraikuntzan lan egitera. Baina nik beti gehiago ikasteko gogoa nuen eta muga pasa nahi nuen. Horretarako baimena eskuratu eta zurgindegi batean hasi nintzen lanean. Hendaian, Baionan, Donibane Lohizunen… hamar urte ibili nintzen han. Baina gero ebakuntza larri bat egin zidaten. Urdailaren hiru laurden kendu zidaten eta pankrearen puska bat. Bi urte oso ahul pasa nituen eta esfortzurik ezin nuenez egin, zaharberritzaile lanetan hasi nintzen Donibane Lohizuneko tailer batean. Zeinen gustura aritu nintzen han! Zurginaren ofizioko atal guztiak ezagutzen nituen jada. Iparralde eta Betelu artean bizi nintzen, baina ezkondu eta semea jaio zenean pentsatu nuen nik ez nuela soilik oporretan etorri nahi. Nik nahi nituela betiko oporrak, oporrik hartu behar ez izateko. Zuhaitzek ez dute ospitalerik behar eta niri ere txikitatik gertatu zait nire sendabiderik onena lana izan dela. Ni ezin naiz egon ezer egin gabe. Oso aspergarria litzateke niretzat. Hona etorri eta 1511ko etxe hau erosi eta berregin genuen. Bailarako batzar etxea zen hau eta erabat eroria zegoen. Zaharberritze lanak eta altzariak egiten hasi nintzen, kristoren lana baitzegoen orduan. Eta gero artista jendea ezagutu nuen. Jorge Oteiza, Remigio Mendiburu, Elena Asins, Mikel Laboa, Zumetaren adiskide handia bai, baina zu ez zara artista? Nirea ez da artea. Artea zer den ere ez dakit. Nirea besteek egindakoaren jarraipena da. Egiten dudan guztia besteek egindakoa da. Txikitan udaran beti Uhartera joaten nintzen, aitaren baserrira. Han bikain pasatzen nuen. Garia, garagarra bildu eta lan guztiak egiten genituen. Idiak lotu, ordu bat joateko beste bat itzultzeko eta garia jotzen genuen larrainean. Gu, mutikoak, trailuaren gainean joaten ginen erratza eta palarekin idien gorotza biltzeko. Afaldu ondoren freskora ateratzen ginen. Zer oroitzapen! Orain jende askok esaten du denborarik ez duela. Baina denbora eta haizea debalde daude. Orduan, zer da zuk egiten duzuna? Haur garaian ikusi eta ikasitakoa, sentitutako guztia. Nirea da Art-behar, beharrak sortutako zerbait delako eta Art-natur, Art-lan, Art-denbora. Horiek guztiek forma batzuk ematen dituzte, baina nik ez dut hori ikasi, sentitu baizik. Gure aitaren etxea 1650ekoa zen eta bota egin zuten. Nik memoria historiko hori sentitu egiten dut. Handik hartu eta gorde nituen egur pusketetan denborak utzitako arrasto guztiak sentitzen ditut. Sukaldeko kedarra, usaina, dena collage bat bezala gordetzen dut nik buruan. Paleolitotik internetera pasa naiz, Euskal Herria bezala. San Telmo museoan Tàpies ezagutu nuenean, Remigio Mendibururi esan nion haren obra bati buruz: "Horrek gure etxeko sukalde zaharra ematen du". Remigio Mendiburu eskultorea lagun mina izan zenuen. Nolakoa izan zen zuen harremana? Adiskidetasun handia izan genuen. Biok batera heldu ginen hona. Ni Betelura eta bera Intzara. Hura bai zela artista handia. Izugarrizko lotura zuen herriarekin. Hona etorri nintzelarik errestaurazioan eta altzariak egiten hasi nintzen. Ene koinatu bat Intzan bizi zen eta berak eman zidan haren berri. Lagun onak izan ginen. Materialei buruz asko hitz egiten genuen. Berak pagoarekin egiten zuen lan, baina pagoa oso sentikorra da. Arbolak bizitza dauka. Neguan, hostoa joaten zaionean, lo gelditzen denean, azaroa, abendua eta urtarrileko ilberrian moztu behar da pagoa, bestela pasmatu egiten da egurra. Nik hori dena azaltzen nion eta interes handiarekin hartzen zuen berak. Ilargien kontuarekin mural eder batzuk egin zituen, adibidez. Harekin, nik ere asko ikasi nuen. Ikasi nahi izanez gero, ikusteko eta galdetzeko lotsarik ez da izan behar. Artista handia zen, Elena Asins bezala. Zer gauzak egiten zituen! Elena hitzarekin artista ikaragarria zen. Zer da urdin hori, zuk horrenbeste maite duzuna? Nik urdinari maitasuna diot nire haur garaiko zeruko kolorea delako. Baina urdin bizi hura, jada ez dut ikusten. Lehengo usainekin, lehengo formekin, lotuta dago urdin hori. Ukuiluko, ganbarako, sukaldeko usainekin. Eta topaketak? Eraikin bat altxatzeko edo eskultura bat egiteko erabiltzen den teknika. Baserri batean topaketa da garrantzitsuena: ez da ikusten baina egiturari eusteko izugarrizko indarra du eta askatzen baduzu dena desegiten da. Aralar itsasmira erakusketarekin hiru hilabetez izan zara Miramar jauregian. Baserria, lanabesak, Mikel Laboaren oroitzapenak, txalaparta, gerraren aurkako lanak… Kontent? Oso pozik. Donostiara eraman dudana gure Aralarko zati bat da. Aralarrek itsasoa besarkatzen du erakusketa honetan. Jokin Sorozabal bertsolari handiak behin hitz ederretan esan zuen Gorritiren lan guztien ama askatasuna eta maitasuna direla. Jabier Lekuona arkitekto beratarra izan da komisarioa eta berak askatasun erabatekoa eman dit eta izugarri eskertzen diot. Orain Bergarara eta azaroan Galesera eramango dugu erakusketa. Donostian behi urdinak harrera egiten dio jendeari. Bai. Alemaniara ere eraman nuen duela bi urte han egin genuen erakusketara. Lan handia du atzetik. Semea eta beste lagun batzuen laguntzarekin egin nuen: hiru hilabete aritu ginen lanean kofratua egiteko, soldadurak egiten, gero xaflak jarri genizkion, baina erabat estali gabe, eta ondoren margotu. Horretan Irizar Autobusak lantegikoen laguntza izan nuen. Oso lagunak ditut eta haiek margotu zidaten behia izotza, beroa eta denari aurre egiteko. Haiek autobusak egiten dituzte mundu osorako eta badakite zer margo erabili behar diren. Udaberrian AEKren Korrikarako zuk eginiko lekukoa berriz eskutik eskura ibiliko da. Remigio Mendiburuk egin zuen lehen lekukoa, baina pagoarekin egina zegoenez laster izorratu zen. Beste bat enkargatu zidaten eta nik, Remirena kopiatu nuen, baina ezpelez egina eta erroskaduna, barreneko mezua bidean eror ez zedin. Honekin sentitzen dudana da herriak ematen didana nik itzuli egiten dudala, Arestik bere poeman zioen bezala. Eta iaz beste lekuko bat egin zenuen Nafarroa Oinezentzat, "Erronkalekukoa". Bai. Euskal Herriko baserririk zaharrenean du jatorria, Oñatin zegoen 1450eko baserri bateko egur puskekin egina baita. Baserriak su hartu zuen eta erre ez ziren puska batzuk ekarri zizkidaten. Pentsatu nuen gure baserriak, gure zuhaitzak, gure euskara… dena lotuta dagoela eta lekuko hori prestatu nuen haurrei hau dena erakusteko. Hamaika artelan ikusgarri egin duzu. Zer dela eta margotu zenuen Pirritx eta Porrotxen Panpoxa kamioneta? Istorio bitxia. Asko ibili naiz errepidean eta gauza asko gertatu zait. Karretera komunikazioa da, eta tragedia, eta malkoa. Hori dena nahi nuen adierazi lan batean. Horretarako ehun metroko errepide zatia margotzea bururatu zitzaidan baina ez zidaten utzi. Edozein bizikleta lasterketan errepideak itxi egiten dituzte eta jendeak pintatu egiten ditu eta ez da ezer gertatzen, baina niri ez zidaten baimenik eman. Egun batean, Pirritx eta Porrotx etorri zirenean haien saioetako bat grabatzera haien furgoneta handi txuriarekin, Porrotxek esan zuen: "Nola ez dizutela uzten errepidea margotzen? Kamioneta margotu behar duzu. Ehun metro ez dutela nahi? Orain ehun mila kilometro izango dute!". Maketa egin eta Autobuses Irizarrera eraman genuen, lagunak ditut eta oso solidarioak dira. Festa izan zen hura. Denak bat eginik. Agian orain saiatu beharko zenuke, gobernu berriarekin… Ez. Hori jada pasa da. Furgoneta egin nuen eta kito. Emozioa kazetaritzan notizia bezala da: bihar berandu da.
news
argia-bdf298f33ceb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/itoizko-urtegia-eta-nafarroako-ubidea.html
Nafarroan barrena hondoratzen ari den ubidearen arrastoan
Xabier Letona
2016-09-25 00:00:00
Nafarroan barrena hondoratzen ari den ubidearen arrastoan 1993an hasi ziren eraikitzen Itoizko urtegia. Nafarroako ubidea mende honetako kontua da. Eraikuntza enpresak eta bankuak pixka bat gehiago aberastu ziren bikotearekin. Hasi zen, ez da pentsatu bezala bukatu eta proiektua dirua barra-barra galtzen ari da. Ubidean barrena sartu gara Agoitzen eta Pitillasen atera, daraman uraren balioa ulertu eta azaldu nahian. Nafarroako Ubidearen proiektua berraztertuko zuela agindu zuen 2015eko uztailean eratu ondoren Nafarroako Gobernu berriak. Erriberaren hegoaldeari begira pentsatua dago ubidearen Bigarren Zatia eta urte bukaerarako Gobernuak prest izango du kostuei eta beharrei buruzko azterketa zehatza. Ureztatzeaz eta nekazal elika-industriaz arduratzen den INTIA enpresa publikoa ari da lan hori egiten. Datuak ezagutu ondoren, Nafarroako Gobernuak partehartze prozesu zabala irekiko du eta ondoren erabaki beharko du zer egin Nafarroako ubidearen bigarren atal honekin: proiektua abiarazi, aldatu edo betirako lurperatu. Bitxia izango da azterketa ikustea. INTIA arduratu da orain arte ureztatze faseari dagokion guztiaz eta Itoizko urtegiaren eta Nafarroako ubidearen apologia egin du etengabe, nagusiaren beharrei eta estatistikei men eginez. Gobernu berriarekin kargu nagusien aldaketa ere izan zen INTIAn, halako aldaketetan ohikoa denez. Irizpide batzuk ziren tokira, oso bestelakoak iritsi dira, goi karguetara bederen, pentsatzekoa baita tarteko kargu teknikoetako iritziak ordura artekoak izango direla eta, seguruenik, askotarikoak. Aldaketarekiko erresistentziak ez dira gutxi halakoetan. Aspaldiko eskaria da azterketarena, eta ez bakarrik ureztatze eskariez, Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea proiektu osoaz ere bai. Zer agindu zen proiektu erraldoi hauekin? Zer aurreikuspen egin ziren? Zer bete da? Zer ez? Zein eragin ekonomiko, sozial eta ingurumeneko izan ditu? Galdera asko dira eta horien erantzunik izan gabe ezin da zentzuz jarraitu eraikuntza lanekin. Zentzua eta datuak jarri nahi ditu mahai gainean Gobernuko Landa Garapen Sailetik. Oposizioak dagoeneko esan du Gobernu honek ez duela Nafarroako ubidearen Bigarren Zatia egin nahi. Eta itxura guztien arabera, Bigarren Zatiaren hasierako proiektua ez da egingo pentsatua zegoen bezala. Hori garbi samar dago. Zer egingo da orduan? Datuak lehenik, 2017ko prozesu parte hartzailea ondoren eta, azkenik, erabakia. Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea Bikote dira urtegi eta ubide iragan mendeko 80ko hamarkadatik, baina frankismoaren amaieran ere entzun ziren jada proiektuaren aldeko hotsak. Zalaparta ugariren ondoren 1993an ekin zitzaion Itoizko urtegiaren eraikuntza lanari, PSNko Gabriel Urralburu Nafarroako Gobernuko lehendakaria zela. Itoizko urtegiaren proiektuak liskar sozial eta politiko handia ekarri zuen Nafarroako gizartera. Itoizko Koordinadora izan zen oposizio lanetan aitzindari, mobilizazioa, ikerketa eta lan juridikoa uztartuz. Oposizio lanetan oso entzutetsua izan zen, halaber, Itoitzekiko Elkartasun Taldeek uharka altxatzeko materiala garraiatzeko erabiltzen ziren kableen mozketa ekintza. Sabotaje honek luzez geldiarazi zituen eraikuntza lanak. 2004an bukatu ziren lanak, UPNko Miguel Sanz Gobernuko lehendakari zela. Urtegia prest zen 418 hektometro kubo ur biltzeko eta Nafarroako Ubidea hornitzeko. Urtegiko 240 hektometro kubo ureztatzera bideratzeko da, 60 hektometro kubo herrietako erabilerarako (edateko ura, industria…) eta 117 hektometro kubo etorkizuneko beharretarako (adibidez Nafarroako ubideko Bigarren Zatirako). Nafarroako ubideak 198 kilometro izango zituen eta Itoizko urtegitik Nafarroako hegoaldeko azken lurretaraino eraman behar zuen hura. Bi zatitan eraikitzea aurreikusi zen. Lehenengo Zatia 2004an hasi zen egiten eta 2011n bukatu: Itoizko urtegian hasita Pitillas udalerriraino doa, 98 kilometro ditu  eta 22.363 lur hektarea ureztatzeko ahalmena du. Agoitz, Urrotz, Iruñerriko Mankomunitatea eta Mairagako Mankomunitateak dute bertatik ura jasotzeko aukera. Bigarren Zatia Bigarren Zatia Pitillasetik Ablitaseraino doa, 71 kilometro ditu eta 21.522 hektarea ureztatzea aurreikusten da. Ez da hasi. Lan hau lehenengo zatia baino askoz konplexuagoa da, besteak beste Aragoi eta Ebro arroak iragan beharko lituzkeelako sifoi konplexu eta garestien bidez. Konplexutasun hau ez da txantxetakoa eta aurten bertan Uraren Kultura Berrirako Fundazioak (FNCA, erdarazko sigletan) Foru Legebiltzarrean gogoratu duenez, Antonio Aragón foru sailburu ohiak  bazituen zalantzak 1991. urte urrun hartan, CHEko lehendakari izendatu zutenean: "Etorkizunera begira, Nafarroako ubideak Ebro gainditu dezan sifoi bat egitea neurriz kanpokoa izan daitekeela uste dut" (Diario de Navarra, 1991ko azaroak 17). Geroago Aragónek eta Gabriel Urralburuk espetxean bukatu zuten ustelkeriagatik, besteak beste ubidearen adjudikazio lanengatik enpresetan  eskupekoak jasotzeagatik. 2011n ubidearen lehenengo zatia amaitzean bigarrenari ekitea zatekeen logikoena, baina ez, CANASAk iragarri zuenez, krisi ekonomikoak bigarren urratsari ekitea eragozten zuen, diru faltagatik. Untxia kapelutik atera eta Nafarroako Gobernuak lehengo zatiaren zabalkunde fasea erakutsi zuen orduan: Mendigorria, Sesma eta Funesek osatzen duten hirukian zabalduko zen, 21 kilometroko ubidea eta 15.275 hektarea ureztatzeko ahalmenarekin. Ez zegoen dirurik Bigarren Zatiari ekiteko, baina proiektu berri honetarako bai. Oraindik gauzatzen ari da hedapen hau, 2016ko bukaerarako amaitzea aurreikusten zen, baina lanak atzeratuta doaz eta 2019ko irailerako amaitzea aurreikusten da. Bigarren zatiaren erabilera politikoa Proiektua politizatu eta ez politizatzeaz asperduraraino hitz egin da nafar gizartean, baina proiektua sustraietatik erabat politikoa da. UPN-PPk eta PSNk Nafarroa erdia paradisu bihurtzeko tresna gisa saldu zuten: ubidearekin ura, etorkizuna eta garapena eskura ziren; ubiderik gabe basamortua eta hondamendia. Mezu hori, lehen eta orain, samur sartzen da uraren garrantziaz jabetua dagoen herritarren garunean. Orain alderdi horiek oposiziotik salatzen dute Uxue Barkosen gobernuak urik gabe utzi nahi duela Erribera. Mezuak badu bere indarra, baina gero eta gutxiago, baita nekazarien artean ere. Laborariek ikusten dute uraren abantaila, lehorreko lurretatik ureztatze lurretara pasatzearen onurak, baina ikusten dute zein garesti ateratzen zaien ere. Nafarroan ez da urik falta izan, haren antolaketa eta erabilera egokia baizik, baina Nafarroako ubideak gainerako alternatiba eta aukerak ezkutatu ditu azken bi hamarkadetan. Hala ere, gauza bat da bigarren fasea lelo politiko gisa erabiltzea eta bestea gauzatzea. UPNren Gobernuak finantzazio modurik topatu izan balu, seguruenik aurrera aterata izango zukeen Bigarren Zati hau. Oraindik ere, ezin da esan Gobernura iritsiz gero ez lukeenik egingo. Kontua da ez dela egin,   diru faltagatik eta baita bere bultzatzaileek ez dutelako proiektua erabat argi ikusi ere. Horren frogarik argiena da orain arte ez dela Bigarren Zatiari buruzko proiektu zehatzik inoiz idatzi. Diruarekin ibili den bezala ibilita, Espainiako Gobernuari ere gutxi inporta izan zaio hau atzeratzea. 2013ko abuztuan Arias Cañete PPko Espainiako Gobernuko Ingurumen ministroak eta Yolanda Barcina foru lehendakariak Lehenengo Zatiaren Hedapenari buruzko hitzarmena berritu zuten, ohi bezala urtegiaren onurak lau haizetara defendatuz. Bigarren Zatiaz, aldiz, ez zuten tutik ere aipatu. Gerora, eta aho txikiarekin bada ere, Nafarroako Gobernuak behin baino gehiagotan galdegin dio Espainiako Gobernuari Bigarren Zatiaz, baina Rajoyren ministroek entzungor egin dute gaurdaino. Arias Cañetek argi jaurti zuen 2012an: "Merezi du Nafarroako Ubidearen alde egitea (…), aukera gehiago ditugunean eta komunitatearekiko planteamendu garbi bat dugunean, prest gaude berraztertzeko". 2015eko maiatzera arte bederen, bere nafar bazkideek gobernua galdu arte, Espainiako Gobernuak ez zuen beste urratsik eman. Orain ez ematea ulergarriagoa da. Ikuspegi kontrajarriak balorazioetan Hainbeste urte eta ika-mikaren ondoren, kontua da herritarrak ez duela bi proiektu handi horiek Nafarroako gizarteari ekarri dioten onurei buruzko balorazio argirik ikusi. Ona izan da, ez, zertan bai, zertan ez, errentagarritasuna, kostuak, kalteak… Nafar gizartearen sektore bat aspaldi ari da eskatzen uraren kudeaketari buruzko eztabaida sakon eta argia, horixe egin zuen Itoizko Koordinadorak bere garaian eta horixe egin berri du aurten Ura FNCA fundazioak Legebiltzarrean. Ez da hausnarketa handi eta zabal hori egin oraindik, baina ubidearen Bigarren Zatiaren eztabaidak, gaia lehen lerrora ekarri du indar handiz. Orain arteko urtegi-ubide bikoteari buruzko balorazio eta azterketa nagusiek datu kontrajarriak ematen dituzte. INTIA enpresa publikoak egin izan ditu hainbat, baina ohikoan UPNko tesi politikoen usainera egin direla salatu dute proiektu hauekiko kritikoek. Badira beste bi azterketa, erakunde edota pertsona autonomoek egindakoak. Zaragozako Unibertsitateko master lan gisa Rosario Brinquisek egindakoa bata ("Itoiz 2012. Un análisis económico"); eta bestea 2015ean Nafarroako Kontuen Ganberak plazaratua ("Nafarroako ubidearen ureztalurren eremuaz egindako fiskalizazio txostena").   Kontuen Ganbera eta Brinquis txostena Kontuen Ganberaren zeregina da diru publikoak miatzea eta kontrolatzea, eta fidagarritasuna eman ohi zaio bere lanari. Brinquisen lana saritu egin zuen UNEDeko (Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitatea) Ekonomia Fakultateko Aquae katedrak. Lan mota desberdinak dira, helburu, molde eta datu desberdinetan egindakoak, baina deigarria da bi lanek hain ikuspegi kontrajarriak eskaintzea. Brinquisen lanak dio Itoizko urtegia eta lehen fasearen emaitzak ez direla errentagarriak gizartearentzat, pentsatu baino askoz lanpostu gutxiago sortu direla eta, besteak beste, gaitza izango dela egindako inbertsioa berreskuratzea. Bere esanetan, ubidearen Lehen Zatiak soilik ematen du inbertitutakoaren %27 berreskuratzeko. Bigarren Zatia eginez gero, bakarrik emango luke %28a berreskuratzeko, zati hau oso garestia litzatekeelako. Berak 2012an zituen datuekin, eta 30 urteko epe bat aztertuta, Itoizko urtegiak eta ubidearen Lehen Zatiak 1.751 milioiko kostua izango lukete eta bien ekoizpen gordina bakarrik iritsiko litzateke 1.296 milioi eurora. Beraz defizitarioa litzateke, noiz eta mende hasieran Europako Batasunak onartutako Uraren Dekretu Markoak oso argi dioenean erakunde publikoek berreskuratu egin behar dituztela –erabiltzaileen bidez– uraren azpiegituretan egiten diren inbertsioak. Inbertsioan ere desberdintasunak Gastuetatik hasten dira lehen desberdintasunak. Brinquisek azpiegituren gastuak eta 30 urteko esplotazio lanak aztertzen ditu eta 1.751 milioi euroko kostua ateratzen zaio. Kontuen Ganberak 1.050 milioi azaleratzen ditu, baina bakarrik egindako inbertsioak kontuan hartuta. Brinquisek 2015eko azaroan Berriari emandako elkarrizketa batean zionez, ubidearen proiektuak aurrera egin badu, hori da INTIA enpresa publikoa horretan tematu izan delako. Salatzen zuen Kontuen Ganberak batez ere INTIAko datuekin egin zuela bere azterketa eta hori harrigarria egin zitzaiola: "Batetik, datuak falta direlako, adibidez kostuei buruz; eta jasotako datuen analisia ez dutelako egin, bertzetik". Hainbat dira Kontuen Ganberak azaleratzen dituen datuak eta ondorioak. Luze joko luke zehaztasunez aipatzea eta datuen labirintoan galtzeko arriskua ere badago. Baina, funtsean, balio dute txostenaren doinura hurbiltzeko. Ubidearen aldekoek sarri aipatzen dute berau euren argudioak sendotzeko, esaterako, 2015eko foru hauteskundeetan. Hala zioen UPNko webguneak: "Kontuen Ganberako txosten batek argi adierazten duenez, Nafarroako ubideak eztabaidaezineko eragin positiboa izan du eremu ureztagarrien aberastasunean, eta nekazari ekoizpena laukoiztu egin du lehorreko uztekin konparatuta". INTIAko mapan ikusten den gisan (2015eko datuak), Nafarroako ubidearen emaria 45 m3/seg. da. Luzeera: 198 km. Lehenengo Zatia : 98 km, bukatua da. Aire librean eraikia, 60 km. Sifoiak: 23 km. 3 erregulazio putzu eta 16 ureztatzen hargune ditu. Iruñeko eta Mairagako Mankomunitatek, eta Urrotz herrietako urez hornitzeko 3 hargune. Lehenengo Zatiaren Hedapena : 21 km (eraikitzen). 5 ureztatze hargune. Bigarren Zatia: ez da ezer eraiki. 2013ko uzta aztertu ondoren, nekazari ekoizpenaz egiten den balorazioa erabat onuragarria da Kontuen Ganberako txostenean, ondoko datuetan ikusten den moduan. Uzta mota: 3 produktutik 48ra igo da ureztatzearen ondorioz. Produkzioaren balorea: 17,8 milioi eurotik 68,1 milioira pasatzen da. Lehorreko lurren produktibitatea %13 hazten den bitartean, ureztatutako lurrena %821 hazten da. Etekinari buruz, lehorrekoan etekina 3 milioi bazen, ureztatu ondoren 18 milioikoa da. Lanpostuak: Gobernuak 2009-2012ko epean 22 ustiatze gunetan egindako azterketa baten arabera –horietako 12tan ureztatutako lur eremua handitu da–, oro har, lanpostuak galdu egin dira, baina lanpostu kopurua hazi egin da ureztatzea handitu den horietan. LARRUN honetan Ignacio Gil Landa Garapeneko zuzendari nagusiari egindako elkarrizketan datu hauei buruz galdetu diogu eta erantzuna zorrotza izan da: "INTIA urteetan ibili da produktu horren salmentan eta Kontuen Ganberak enpresa honek emandako datuekin egin du azterketa". Brinquisek nekazari produkzioaz egiten duen azterketa beste ikuspegi batetik egina dago eta urte eta parametro desberdinak erabiltzen ditu, horrela zergatik egin duen azalduz.  Kontuen Ganberak Foru Parlamentuak egindako enkarguari erantzuten dio eta batez ere kontuen fiskalizazio lana egiten du. Ez dira ezpal bereko lanak, baina biek gai bera aztertzen dute eta ondorioak desberdinak dira. Lanpostuei buruz, esate baterako: Brinquisek dio urteko 227 lan unitate sortu direla ureztatzearekin (txostena 2012koa da); bere iritziz, hori oso gutxi da Nafarroako Gobernuak agindutako 8.000 lanpostuekin. Beste datu esanguratsu bat, 2011ko uztaren ekoizpen gordina (produkzioa + diru-laguntzak): lehorreko lurrak zirenean 14 milioi euroko balioa zuen eta ureztatu ondoren 46 milioi euro, beraz 32 milioi gehiago dira. Lurraren prezioak ere %120ko balioa irabazi du ureztatua bihurtu ondoren. Ura FNCA Fundazioak aurtengo otsailean kaleratu zuen Alternativas de abastecimiento y riego en la ribera sur de Navarra txostena. Bertan kritika zorrotza egin zioten Kontuen Ganberaren txostenari: "Ezin daiteke hartu Lehen Zatiarekiko analisi sozial eta ekonomikoaren erreferentzia gisa (…) deitoratzen dugu esan beharra, baina txostenak baditu zehatzak ez diren hainbat kontu, eta hori da erabiltzen dituen datuak INTIAk emandakoak direlako, eta oraintsu arte erakunde hau proiektuaren egile izan da". Bigarren Zatiaren kostuei buruzko aurreikuspenak ere desberdinak dira FNCA (1.070 milioi euro, eraikuntza eta 30 urteko ustiaketa eta mantenua) eta Kontuen Ganberaren arabera, azken honek 1998an egindako aurreikuspenetako datuak mantentzen dituelako (340 milioi euro, eraikuntza bakarrik). Barkosen gobernuaren aurreikuspenetan Bigarren Zatiak 713 milioi eurokoak lirateke, eraikuntza lanetan. Fundazioarentzat, Kontuen Ganberako kostuen datuak azpibaloratuak daude, ez delako gaurkotu 1991ko dirua, maileguetako finantza gastuak ez dituelako kontuan hartu eta  itzalpeko ordain-sariak ere ez. CANASA larri Bada zalantzarik ez duen daturik, orain arteko zenbakiekin Nafarroako Gobernua defizit handia egiten ari da Nafarroako Ubidearen proiektuarekin. 2015eko abenduan Manu Ayerdik eta Isabel Elizaldek, hurrenez hurren Nafarroako Gobernuko lehendakariordea eta Landa Garapeneko kontseilaria, agerpena egin zuten Foru Legebiltzarrean ubidearen kudeaketaz arduratzen den CANASA erakundearen berri emateko: 2014an 8,6 milioi euro galdu zituen eta 2015ean 10,4. Horrez gain, 2015ean badira beste 8,5 milioi euro, aurreko Gobernuak eskatutako 77 milioiko mailegu batenak, teorian Bigarren Zatiko lanei begira bideratuak. Azalpenen arabera, erakunde publikoek proiektuaren erdia finantzatu behar zuten, CANASAko jabegoa kontuan hartuta %60 Espainiako Gobernuak eta %40 Nafarroakoak; beste erdia proiektuaren irabaziekin finantzatuko zen. 442 milioi euro gastatu dira orain arte, erakunde publikoek 330 milioi jarri dituzte eta, mailegu bidez, CANASAk 125 milioi. Kontua zen azken hauek berreskuratzea, baina proiektuaren irabazi aurreikuspenak ez dira betetzen ari, hiru arrazoi nagusirengatik. Lehenik, hektareako 6.000 metro kubo ur erabiliko zirela aurreikusi zen, baina ez da 5.000ra iristen, beraz erabiltzaileen aldetik gutxiago jasotzen da. Bigarrenik, 2013an Madrilgo Gobernuak energia berriztagarrien salmenta prezioak jaitsi zituen eta elektrizitate salmentagatik lortutako dirua 10,7 milioi eurotik 5,4ra jaitsi zen. Eta hirugarrenik, herrietako ur-hornikuntzatik –edateko ura eta industria– 5 milioi espero zuten urteko eta 1 fakturatzen ari dira (aurrerago azalduko dugu Iruñerriko adibidea, azken datu hau hobeto ulertzeko). Ondorioz, CANASAk defizita egiten du bere ohiko jardueran eta ezin du ordaindu 125 milioi euroko mailegua, beraz erakunde publikoek beren gain hartu behar dituzte bi kontzeptu horiek, bai urteko galera, bai maileguaren amortizazioa. Galera hauek ikusita, Yolanda Barcinaren jarduneko gobernuaren eskariz, CANASAk uraren prezioa %60 garestitu zuen 2015eko ekainean, ureztatzaileen haserrea eraginez. Erabaki horretan ikusi daiteke nola joka dezakeen alderdi batek herritarren diruarekin eta duintasunarekin: CANASAn 2015eko ekainean UPNk %60ko igoera eskatu bazuen, 2016ko ekainean, Espainiako hauteskunde orokorretako kanpainan, Erriberan uraren prezioaren jaitsiera eskatu zion aldaketaren gobernuari, Barkosen gobernuak Erribera baztertu nahi zuela argudiatuz. Ubidearen urak nekazarien arazoak konpondu behar zituen, eta hainbat kasutan hala izango da, baina beste arazo askotara bideratutako dirua ere zurrunbilo honek irensten du gaur egun, eta horren kexu dira nekazariak, bateko zein besteko. 2015eko Landa Garapenerako Sailak 63 milioi euroko aurrekontua izan zuen eta 18,5 milioi euro bideratu zituen CANASAra, hau da, aurrekontuaren %29,36; aurreikuspenen arabera, aurten ehunekoa handituko da. Larriena da epe motzean gaiak ez duela irtenbiderik eta epe ertainean ehuneko hori txikitzean dagoela erronka.    Iruñerriko Mankomunitatearen adibidea Duela hiru-lau hamarkada Itoizko urtegiaren proiektua plazaratu zenean, funtsean Nafarroako erdialdea eta hegoaldea ureztatzeko egin behar zen, baina baita herrietarako ur hornikuntza hobetzeko ere, bereziki, Iruñerrikoa, erdialdekoa eta Erriberakoa. Hiri Buruzagia egarri izan behar zen etorkizunean azpiegitura hau egin ezean. Horrexegatik, Iruñerriak beharko zuelako, ur kopuru handia   gorde zen harentzat Nafarroako ubidea bukatu zenean. 2006an CANASAk eta Mankomunitateak kontratua sinatu zuten: urteko eskainiko zion 22,5 milioi metro kubo hartzeko aukera, 1,2 milioi euroko prezioan. Iruñerriak ez zuen behar inondik inora Nafarroako ubideko halako ur kopururik, iturri horretatik gutxi erabiltzen du eta batez ere uda aldean, baina hala sinatu zen. Ondorioz, harrez gero Mankomunitateak milioi bat euroren bueltan ordaindu dio urtero CANASAri. Iruñerriko Mankomunitatearen ur kontsumoaren gehiena Arteta eta Subizako iturburuek, eta Eugiko urtegiak hornitzen dute: 27,5 milioi metro kubo (2014ko datuak) eta 302.903 euro ordaindu dira; Nafarroako Ubidetik 1,9 milioi metro kubo kontsumitu ziren (%6,9) eta milioi bat euro ordaindu zen horregatik. Konparazioak ez du bestelako iruzkinik behar, baina bistan da Nafarroako ubideko urak urrea balio duela. EH Bilduko parlamentari Koldo Amezketak aurtengo apirilean prentsan zabaldu zuen iritzi artikuluak (UPN, Mancomunidad y el agua de Navarra) ondo azaltzen du Mankomunitatea eta CANASAren arteko kontratuarena. Horren harira, Mankomunitateko agintari berriek –EH Bildu– eskatu dute hitzarmena berritzea. Estatuaren abokatuaren esanetan hitzarmen hori ezin da berritu, hautsi egin beharko litzateke eta berri bat egin. Hori da Iruñerriko Mankomunitateak egin duena, hautsi, eta UPNk oso gogor salatu du, esanez Iruñea ur gabe gelditu litekeela udan. Eskaintza eta eskaria UPNk salatu du, baita ere, EH Bilduk ez duela ulertu nahi Mankomunitatearen hitzarmenean Nafarroako ubidearen eraikuntza sartzen dela. Eta hor dago, egiazki, arazoaren mamia: ez zela egia Iruñerriak ur hori behar zuela eta, beraz, bertako herritarrak behar ez zuten azpiegitura finantzatzen ari direla. 2006tik 2014ra 8,3 milioi euroko kopuru finko gisa ordaindu dio CANASAri eta 295.255 euro uraren kontsumoagatik. Arazorik ez zen tokian, arazoa ekarri dute. Eta berdintsu Nafarroa osoan ere. Funtsean, Ura FNCAk salatzen duenez, eskaintzaren ikuspegiarekin egiten delako lan eta ez eskariarekin. Hau da, "ubidea egingo dugu, ura izango dugu eta gero eskainiko diegu erabiltzaileei". Horregatik eskatzen du fundazioak eredu hori aldatzea ezinbestekoa dela eta eraikitzen den edozein azpiegitura, dagoen eskarian oinarritu behar dela. Behin egin ondoren Nafarroako ubidearen onurak agerikoak dira. Kontua da helburu bertsuak lor zitezkeela beste alternatiba batzuk baliatuz eta ubidearen proiektuak ez duela utzi beste edozein alternatibarako ez lekurik ez dirurik. Eta nekazariak? Gizarte osoan bezala, nekazarien artean ere zenbat buru hainbat aburu. Sindikatuen esparruan UAGN nekazari sindikatu nabarristak Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidearen alde egin du beti sutsuki eta EHNEk aurka. Produktu gehiago ekoizten dira eta ekoizpena asko handitu da hainbat produktutan, adibidez jaun eta jabe bihurtu den artoan (2015ean ekoizpen guztiaren %34). Diario de Navarrako 2012ko erreportaje batean parte hartu zuen David Palacios nekazariak argi biltzen zituen aldekoen argudioak: "Segurtasun handiagoa, produktuak hautatu eta uztak aldatzeko aukera; eta ekoizpena, errentagarritasuna eta lehiakortasuna handitzea ere bai. Funtsean, etorkizunari aurre egiteko aukera gehiago". Erreportaje berean Carlos Guembe nekazariak antzeko balorazioa egiten du, baina errealitateari lotuagoa: "Ekonomikoki eta ekoizpenean irabazi egiten dugu, baina denak arreta gehiago eskatzen du eta lana ere biderkatu egiten da; gastuak ere gehiago dira, ura, amortizazioak, kanonak… Lehorreko uzta on bat, hori litzateke bukaerako emaitza". EHNEko arduradun batek bestelako ikuspegia zuen 2014an Berrian egindako elkarrizketan: "Nekazari gehienek laboreen monolaborantzaren alde egin dute. Gainera, ubidetik ura hartzeko sistema jarri duten nekazarien ehuneko handi batek ez du ura erabiltzen, eta beste askok ez du sistema ezartzeko behar den inbertsioa egin, oso garestia delako, batez ere". Ignacio Gil zen, gaur egun Landa Garapenerako Saileko zuzendari nagusia, orrialde hauetan elkarrizketatua. Honakoa hau ere aipatu zuen Gilek elkarrizketa hartan: "Iruditzen zaigu Itoizko urtegiak duen edukiera osoa ustiatu nahi dutela [Barcinaren gobernuak]. Urtegiak duen azken tanta ere erabiltzeko edo saltzeko aginduko dutela uste dugu. Uraren erabilera publikoaren pribatizazio saio garbi bat egin nahi dute". Sasoi hartan nekez pentsa zezakeen bera egongo zela Nafarroako Gobernuan, Itoizko urtegiak etorkizunerako gordeta dituen 117 hektometro kubo horiekin zer egin erabakiko dutenen artean. Nekazariak ordaintzen duena Teorikoki Nafarroako ubidearen inbertsioa erdibana ordaindu behar da erakunde publikoen –Nafarroako eta Espainiako gobernuak– eta erabiltzaileen artean. FNCAk horrela laburbiltzen du nekazariek ordaindu behar dutena: – Bakoitzak bere lur saila prestatu behar du horretarako hautatzen duen ureztatze sistema jarriz. Lehenengo Zatian %35eko diru laguntza publikoak egon ziren horretarako. Batez beste, 4.000 bat euro hektareako. – Ureztatzea presioz egin ahal izateko sare bat eratu behar da eta azpiegitura honengatik, aldez aurretik ordaindu behar dira 700 bat euro hektareako. – Urteko kopuru finkoa CHE, CANASA eta Aguacanali: 132,31 euro. – Uraren kontsumoa, erabileraren araberakoa: 0,0307 euro metro kuboko. Hori guztia kontuan hartuta, arto hektarea bat landatu duen nekazariak 6.000 metro kubo ur erabiliz 316 euro ordainduko du urtean. Iritziak iritzi, argi dago nekazari guztiek ez dute la CANASAko aurreikuspenen ur kontsumoa betetzen, areago, oso urruti daude. Enpresa publikoak 5 milioi euro espero zituen erabiltzaileetatik eta milioi 1 bakarrik ari da lortzen. Eta orain zer? Nafarroako ubidearen Lehen Zatia egina dago eta Hedapen Zatia aurrea doa. Haien kudeaketa ahalik eta egokiena zaindu behar da orain. Baina, eta Bigarren Zatia? Egoera honetara iritsita, dagoeneko badira etorkizunari bestelako begiekin begiratzeko hainbat datu, erantzun beharreko galderei ahalik eta txukunen erantzuteko. Aldagai ugarik jarraitzen dute aferaren bueltan. Batetik, krisi ekonomikoa bertan geratzeko etorri zen eta Espainiako Gobernuak ez du interes handirik Bigarren Zatiari ekiteko. UPNko gobernu batek presionatuko luke horretarako, eta dirua aurreratu ere bai, beste hainbat azpiegituretan egin zuen bezala, baina orain ez dago halako gobernurik. Bestetik, CANASAren azken urteetako defizit handia dago, gero eta handiagoa gainera. Hau erabakigarria izango da Bigarren Zatiari begira. Ez hori bakarrik, erabakigarria izango da orain arte ez dela aurreikusi bezainbeste ur erabiltzen ari. Eta erabakigarria izango da, halaber, alternatibei buruz gero eta gehiago hitz egingo dela. 2017 izango da horretaz guztiaz barra-barra hitz egiteko urtea. Landa Garapenerako Sailak bere azterketa jarriko du mahaiaren gainean eta hori ere oso funtsezkoa izango da Nafarroako Erriberaren hegoaldea urez hobeto hornitzen asmatzeko. Azterketaren ondoren Sailak urte osoa eman nahi dio partehartze prozesu zabalari, non eztabaidaren protagonista nagusiak nekazariak izango diren. Eta gero gerokoak. Ura FNCA fundazioak dagoeneko mahaiaren gainean jarri du bere ikuspegia Interneten eskuragai dagoen ondoko dokumentuan: Alternativas de abastecimiento y Riego en la Ribera sur de Navarra. En torno al debate sobre la segunda fase del Canal de Navarra. Azterketaren amaieran gaur egun mahaiaren gainean eztabaidarako diren proiektuei buruzko honako aukerak aipatzen dira. LARRUN honen amaierarako utzi ditugu, irakurleak aurrera begira egon daitezkeen aterabideei buruzko ikuspegi orokor bat izan dezan. – Nafarroako ubidearen Bigarren Zatia. Txostenean aipatzen diren arrazoi ugarirekin fundazioak ezezko biribila ematen dio alternatiba honi eta bideraezintzat jotzen du. – Pitillasetik Erriberarainoko hodia. Pitillaseko putzutik Erriberaraino joango litzatekeen ur azpiko hodiaz ere hitz egin da. Industriarako eta edateko ura eramango litzateke bide honekin. Kostua Bigarren Zatiarena baino askoz txikiagoa litzateke eta askoz denbora gutxiagoan bideratuko litzateke. Erriberako hainbat eremutan edateko uraren kalitatea ez da nahi bezain ona gaur egun, Tuteran adibidez, eta irtenbide honekin Erriberakoen aldarrikapen historikoa beteko litzateke. – Dauden baliabideak optimizatzea. Badira hainbat baliabide eta hauek hobetzeaz gain, kudeaketa hobetu beharko litzateke: Queiles /Val eta El Ferialeko iturrietako kalitatezko ura dago. Aztertu beharko litzateke ea horko urak erabili ahal izango liratekeen udan edateko. Gaur egungo hamaika mankomunitate bakarrean batzea; arroka gutxi batzuk izatea ere posible litzateke. Aztertu behar da ea gaur egun ureztatzera bideratzen den kalitateko ura edatekora bidera ahal den. Ura FNCAk azken honen aldeko hautua egiten du. Zaindu maite duzun ur hori Horiek eta gehiago ere aterako dira 2017an bideratu nahi den eztabaida zabal horretan. Edozein kasutan, gauza bat dago argi samar orain eta hori asko da: egungo Nafarroako Gobernuak ez du bultzatuko Bigarren Zatiaren garai bateko asmoa, hau da, lur azalean joango den ubide bat haren antzeko ezaugarriak izango dituena. Hodiaren alternatiba hor dago, baina NFCA txostenean bakarrik herrietako ur gisa aipatzen da. Eta ureztatzeko? Zenbat ur behar da ureztatzera bideratzeko? Partehartze prozesutik datu horretarako laguntza espero du Nafarroako Gobernuak. Bigarren Zatiaren proiektua, ostera, ukitua bai baina oraindik ez dago guztiz lurperatua, UPN, PSN eta PP berriz Nafarroako Gobernura iritsiko balira, berriz irekiko litzaizkioke ateak proiektu zaharrari. Gipuzkoan antzekoa geratu da Zubietako erraustegiarekin. EAJk egin zuen proiektua eta eraikuntza lanak hastear zirenean iritsi zen EH Bildu Diputaziora. Proiektua geldiarazi zuen eta gutxik uste zuten erraustegi proiektua berreskuratuko zenik. 2015eko foru hauteskundeetan EAJk eta PSEk berriz hartu zuten agintea Diputazioan eta erraustegi proiektua abiarazi dute berriz.   Herritarrek eta bereziki nekazariek hitz egin ondoren, beraz, erabakiak etorriko dira legealdiaren amaiera aldera. Bada zer zuzendu Itoiz-Nafarroako ubidearen abentura zakar  honetan guztian, ura baliotsuegia baita besterik gabe enpresen esku gera dadin, orain arte Nafarroako ubidean gertatu den gisan. Ehunka milioi euroko inbertsioekin mokadu ederrak eraman dituzte eraikuntza enpresek, eta lanak egin ondoren, ureztatzearen esparrua enpresa pribatuen esku utzi da. Han-hemenka, uraren pribatizatze joera gero eta handiagoa denean, herritarrek bereziki zaindu beharko dute bizitzak duen ondasunik handiena, urik gabe ez baitago bizitzarik.
news
argia-1bd363ae7e64
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/lapurrak-eta-gezurtiak.html
Lapurrak eta gezurtiak
Juan Mari Arregi
2016-09-25 00:00:00
Lapurrak eta gezurtiak Bai, irakurri duzuna, lapurrak eta gezurtiak. Horrelaxe izenda ditzakegu banku handietako eta Espainiako Gobernuko arduradun nagusiak. Epaimahai independente baten aurrera eraman beharko genituzke, epaitu ondoren lapurtutakoa itzuli eta dimititu dezatela derrigortzeko. Ez da txantxa. Batzuek eta besteek, alderdietako politikariek nahiz Espainiako Bankuko agintariek, bazuten horren berri, baina isilpean eduki zuten. Orain jakin da Espainiako Estatuak galdutzat eman dituela bankuei finantza krisiaren erdian birkapitalizatzeko utzitako milaka milioi euro. Espainiako Bankuak onartu du finantza sistemari utzitako 51.303 milioi eurotik %5 baino ez duela kobratu. Erakunde horrek berak gauza okerrago bat esan du: estatuak zergadunen dirutik jarritako 26.300 miloi euro –BPGren %2,6– betiko galdu direla, gobernuak Espainiako Parlamentuan hiru bider hitz eman zuen arren herritarrek ez dutela krisia ordainduko. "Bankuak ordainduko du", "zergadunari ez zaio euro bakarra ere kostako", "maileguak ez du gizartearengan kosturik izango, alderantziz baizik"... Rajoy, Sáenz de Santamaría eta De Guindosen adierazpenak dira horiek. Iruzurraren ondorioz galdutzat eman diren 26.300 milioi euro horiekin, gobernuak saihestu zitzakeen osasungintzan eta hezkuntzan egindako 16.000 milioiko murrizketak, baita pentsioak eta laguntza sozialak handitu ere. Zergadun bakoitzari –euskal herritarrak barne– 600 euroko zuloa utzi dio iruzurrak. Bankariak, politikariak eta amarruaren gainerako arduradunak epailearen aurrera eraman beharko lirateke, dirua itzuli, dimitituarazi eta bizitza osorako inhabilitatuak izan daitezen, lapurrak eta gezurtiak baino ez baitira.
news
argia-3402a649aca4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/aitor-eta-amaia-merino-bi-zinegile-ahots-bakarra.html
"Euskal Herrian pelikula asko falta da egiteko"
Arantza Santesteban
2016-09-25 00:00:00
"Euskal Herrian pelikula asko falta da egiteko" Zineman ezagutu ditugu familia bereko zuzendari bikoteak: The Wachowski ahizpak, Dardenne eta Coen anaiak, esaterako. Gurean ere baditugu zinema eta mundua ulertzeko era partekatzen duten neba-arrebak: Merinotarrak. Haien azken filmei buruz galdetuta, ahots bakarrez erantzun digute. Donostian eman dituzte azken asteak, Ikusmira Berriak egitasmoaren bidez egoiliar aritzeko jaso duten diru-laguntzari esker. Fantasía da esku artean duten azken lana. Neba-arrebak zarete, baita elkarrekin lan egiten duten bi zinegile ere. Zuzendaritza lanetan gure lan guztiak elkarrekin egin ditugu. Film labur batekin hasi ginen, El pan nuestro , eta asko ikasi genuen lan horrekin. Txikitatik harreman berezia izan dugu, polita, eta hori gure lanean islatzen dela uste dugu. Antzeko gauzak gustatzen zaizkigu eta mundua antzeko moduan sentitzen dugu. Umorea ere antzekoa dugu; Asier ETA biok grabatu genuenean, esaterako, elkarri barrea eragiteko idatzi genuen Aitorren off ahotsa. Non dago zuen arteko oreka? Neba-arrebak gara, baina batez ere, bi indar handiren batuketa da gurea. Kontrastean sortzen da gure lana, elkarrekiko interesa zentzu horretan motor handia da. Biok formatu gara antzerki eskola berean, Madrilen, baina aldi berean Ekuadorren (Amaia) eta Madrilen (Aitor) garatu du bakoitzak bere ibilbidea. Gure begirada elkarrekin josten dugu; batak pentsatzen duena besteari kontatu arte ez da guztiz osatzen. Ziur aski horrek sortzen du gure oreka eta bion arteko indarra. Patricio Guzmánek dio zinea egiteko distantzia ezinbestekoa dela. Urruti al zaudete zuek? Gure ustez, plano ezberdinak daude zinean distantziaren gaiari dagokionez. Asier ETA biok filmean, Aitor pertsonaia bat zen, kontakizun autobiografikoa zen eta beraz, ez zegoen modurik material horretatik urruntzeko. Aldi berean, pelikula egiten ari zarenean, momenturen batean, pertsonaia horretatik aldendu behar zara, ahaztu zu zarela pelikulan ateratzen dena eta pertsonaia soil bezala tratatu. Horrek ematen dizu distantzia eta hori gabe ezinezkoa da pelikula egitea. Tarteko distantzia bat behar da orduan? Nolabait, bai. Lanean hasten zarenean momentu ezberdinak daude. Prozesuaren hasieran dena dira intuizioak, beharrak, sentimenduak. Ezin zara urrundu, ez duzu ulertzen zer gertatzen ari den eta barruraino sartuta zaude. Baina materialarekin lanean luze eta sakon ibili ondoren, galdera inportanteak egiteko unea iristen da eta horiek ematen dizute distantzia egokia: zertarako egiten ari naiz film hau? Zein da nire plana? Nola egingo dut kontaketa? Ez-fikziozko pelikuletan hori oso inportantea da, daukazun materialaren kontzientzia hartu eta zure aukerez ohartu beharra daukazu. Asier ETA biok filmak Ibilbide luzea egin du. Balantzearekin ase? Oso balantze ona egiten dugu, mundu osoan ikusi da pelikula. Pentsa, azkenekoz Indonesiako zine festibal batean saria jaso genuen. Hango hizkuntzan idatzitako e-mail bat jaso genuen eta sari gisa disko gogor bat eman ziguten [barreak]. Oso pozgarria da jakitea 30.000 pertsonak baino gehiagok ikusi dutela pelikula zine aretoetan. Baina bestalde, banaketarekin izan dugu arazorik; Valentzian edo Sevillan ez da egon aukerarik ikusteko, Madrilen ere arazo ugari, telebistan zer esanik ez... Gaia dela-eta problemak izan ditugu, baina orokorrean saldoa pozgarria da guretzat. Orain Fantasía filmean lanean ari zarete. Zertan da proiektua? Lehenengo fasean gaude, sorkuntzaren hasieran. Erabat sartuta gaude daukagun materialean, ideia zaparradaren erdi-erdian. Gure gurasoei buruzko pelikula da. Ordu asko grabatu ditugu eta oso material intimoarekin egin dugu topo; hunkituta gaude hartara. Kontraste pelikula bat da, alde bat oso xamurra, bestea izugarri deserosoa. Gure galdera da ea orain merezi ote duen gure gurasoen intimitatea azaleratzea edo ez. Zertarako erakutsi hau? Horiek dira momentuz gure buruan dauden galderak eta hortik tiraka ari gara lanean. Zergatik zinema dokumentala? Gure inguruan gertatzen denari buruz hitz egin nahi dugu eta hori irudiak, soinuak eta agertokiak nahastuz egin nahi dugu. Guk zinemaren tresnak ezagutzen ditugu nagusiki, eta zinema gustatzen zaigu hasieratik bukaeraraino: argazkia, musika, dramaturgia, pertsonaiak eta aretoan ikusgai jartzeko lan hori guztia. Oso prozesu magikoa da guretzat. Azken lanetan esaterako, gure gurasoekiko maitasuna kontatu nahi dugu, edo Asierrekiko ditugun sentimendu bereziak; hori guztia zinemaren bidez kontatu nahi dugu eta ez beste modu batez. Zer pentsatzen duzue Euskal Herrian egiten den zineari buruz? Euskal Herrian, beste leku askotan bezala, pelikula asko falta da egiteko. Gure arazo eta errealitatea islatzeko kontakizun asko falta da. Eta azken urteetan oso beharrezkoak ziren pelikula asko ez dira egin. Asier ETA biok filmarekin ohartu ginen horretaz, jende batek beharra zuela bere burua islatuta ikusteko narrazioetan.
news
argia-f60eb3c78b34
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/lucia-gricman-psikologoa.html
"Zure eromena bizitzaren aldekoa da? Orduan arazorik ez, lotura soziala galtzea da arriskua"
Mikel Garcia Idiakez
2016-09-25 00:00:00
"Zure eromena bizitzaren aldekoa da? Orduan arazorik ez, lotura soziala galtzea da arriskua" Psikologoa eta argentinarra da Lucía Gricman, eta buruko gaitza duen jendearekin asanblada oso emankorrak egiten ditu, Buenos Airesko zentro terapeutikoan. Eromenaz, medikalizazioaz eta psikoanalisiaz jardun dugu. Zehazki zer egiten duzue zuen egoitzan? Egonaldi terapeutiko intentsiboa egiten dugu, aurrez zentro psikiatrikoan sartuta egon diren pazienteekin; trantsizio moduko bat da, gizarteratzeko. Pertsona batek bere buruarentzako edo gainerakoentzako arriskua duenean, zentro batean sartzen da, eta arrisku hori desagertzen denean, prest dago gurera etortzeko. Errehabilitazioaz gain (bizitza antolatzen laguntzeko) tailerrak egiten ditugu, sormena eta espresioa sustatzeko (txotxongiloen bidez, irrati bidez…), sormenetik abiatuta berreskuratu daitekeelako gizartearekiko lotura. Sormena da beraz gakoa? Eromenak lotura soziala galtzera eraman zaitzake, eta gizartera lotuta egoteak ez du esan nahi ekonomikoki produktibo izatea, beste pertsonekin harremana edukitzeko gogoa izatea baizik; buruan gertatzen den gauza hain berezi hori (batzuk gaixotzera daramatzana), hain zurea den hori plano kolektibo batera eramateko modua da sormena, besteei zure ekarpena egiteko modua. Gogoan dut delirio paranoikoak zituen pertsona batek delirio horiei buruzko komikia sortu zuela; gizartetik bakartuta eta isolatuta uzten zuen eromen horrekin zerbait egin zuen, besteekin partekatzeko. Bada esaten duenik eromena ez dela existitzen… Truman Capoteren esaldi bat datorkit burura: "Ez da beharrezkoa ero egotea hemen bizitzeko, baina gauzak errazten ditu". Hor kokatu ohi naiz, pazienteekin hitz egiteko. Hasteko, konnotazio gutxiesgarria kentzen diogu ero hitzari, ez da zerbait txarra, denak bihurtu gaitezke ero egoera jakinen aurrean. Baina "denak gara eroak" baieztapenaren erlatibismoa tontakeria bat da, zure eromenak eraman zaitzakeelako adibidez zure burua eta besteak arriskuan jartzera. Denak gaudela ero? Hala pentsatu nahi baduzu ados, baina noiz aldentzen zaitu zure eromenak bizitzatik? Hori da gakoa; Nietzschek zioen moduan bizitza da balantza: zure eromena bizitzaren aldekoa da? Orduan ez dago arazorik, baina bizitzatik (sozializaziotik) urruntzen bazaitu esku hartu behar dugu. Hori da gure irizpidea. Hori da sendatzea? Hori bera, zure eromenak bizitzen utz zaitzala. Egin behar duguna da pertsona bere komunitatetik ahalik eta gertuen mantendu. Eta ez naiz ari beti zoriontsu egoteaz, sendatzea ez delako ez sufritzea, sufrimendu hori eramateko eta horri aurre egiteko baliabideak izatea baizik. Gero eta gehiago jotzen al dugu dena patologizatzera? Bai, batez ere haurtzaroan, eta oso larria da, haurtzaroa psikiatrizatu eta medikalizatu egiten delako. Droga-enpresa erraldoia den AEBetatik datorkigu joera eta umeen portaera oinarrizkoenak medikatzen bukatzen dugu. Ume bat bizia izatea osasun onaren sintoma da, baina geldi egoteko medikatzen dute. Ikastetxeak gain hartuta daude, gazteek dituzten arazo sozialak eskolak jaten dituelako eta ohiko prozesua da ume 'zaila' kabinete psikologikora eramatea, hortik psikiatrara, eta psikiatratik medikatuta itzultzen da ikasgelara. Ez zaigu burutik pasatzen eskola birpentsatu behar dela, "Eskola birpentsatu beharrean, errazagoa da ikaslea patologizatu eta medikatzea. Arazo sozialak indibidual bihurtzen ditugu eta egokitzen ez dena kanpoan uzten dugu" errazagoa da ikaslea patologizatzea eta statu quoa bere horretan mantentzea. Arazo sozialak indibidual bihurtzen ditugu eta egokitzen ez dena kanpoan uzten dugu, eromenarekin berdina gertatzen da. Badakizu zer esan zigun asanbladan paziente batek? Beraiek sentikorragoak direla, triste eta otzan nahi gaituen sistema honekiko sentikorragoak, eta horregatik daudela egoera horretan. Pazienteen asanbladak antolatzea da zure ardura. Hasieran ez zuten ulertzen nik esatea bat gehiago nintzela, denek ahotsa eta lekua zutela asanbladan. Subjektu politiko bezala birpentsatzen dugu gure burua, hiritar bezala, eta albisteez eta aktualitateaz hitz egiten dugu, hedabideek saldu nahi digutenaz… Gizartean pasatzen denaz pentsatzea ere terapeutikoa delako: giza kolektibo baten barruan parte hartzeak sendatu egiten du, bizitzeko gogoa ematen digu berriz ere. Minoriez asko hitz egiten dugu adibidez, gehiengoarekiko ezberdintzat hartzen diren kolektiboez, gurea barne. Berriki delirio asko jasan dituen paziente batek esan digu laguntzeko beharra sentitzen duela; asanbladan gaia aterata jendeak esaten zuen lehenengo norbere burua sendatzea komeni dela, eta bukaerarako ondorioztatu genuen besteei laguntzea terapeutikoa izan daitekeela. Bakarrik eta triste egon naiteke, baina besteari on egin badiezaioket, hobeto sentituko naiz. Edo Orlandoko diskotekan gertatuko sarraskiaz aritu ginenean, ikusi genuen hedabideek beti dutela jokabide berdina, errua ero bati leporatzea, indibidualki, atzean arazo sozial larriagoa dagoela pentsatu beharrean. Baina AEBetan armak eskuratzeko dagoen erraztasunaz aritu ginen eta niretzat lorpen handia izan zen pazienteek eromena deslotzea arriskutsua dela dioen estigmatik. "Parte izatea edo ez, horra hor bizi dugun patologia kolektiboa, kanpoan geratzeko arriskua. Azkenean denak gaude at, normal izan nahi eta inork ez duelako fikzio hori lortzen" Gaixo egoteak eta gaixoa izateak zer esan nahi duen ere eztabaidatzen dugu. Kontatu nien duela gutxi esan zidatela asma nuela eta medikuz mediku denek azpimarratzen zidatela asmatikoa nintzela. Zer pasatzen zait etiketa horrekin eta zer egingo dut horren aurrean? Etiketez pentsatzeko balio izan digu, ez dutela zertan jende aurrean etengabe euren burua ero gisa aurkeztu, eurak gaizki baleude bezala eta gainerako guztiak ongi, bizitzaren parte ez balitz bezala une batzuetan ongi eta beste batzuetan gaizki egotea. Egungo gizartea ero al dago? Nire irakasle batek esan zidan egungo gizartearen gauzarik larrienetakoa normaltasuna dela. Muga indartsua dago normal izatearen eta ez izatearen artean, hori da egungo gizarteak sortzen duen fikzio handia. Parte izatea edo ez, horra hor bizi dugun patologia kolektiboa, kanpoan geratzeko arriskua oso gaizki daramagulako eta dena hainbeste psikopatologizatzen denez oso erraza delako kanpoan geratzea. Azkenean denak gaude at, normal izan nahi eta inork ez duelako fikzio hori lortzen. Kanpoan geratu naizenean, zer egin beharko nuke, berriz ere normal izaten ahalegindu, ala nire ezberdintasunetik jokatzen ikasi? Psikoanalisiaren lurraldea da Argentina. Batzuek uste dute psikoanalisia dela isilik geratu eta jendeari entzutea, eta ez da hala. Mundua entzuteko jarrera etiko eta politikoa da psikoanalisia, eta praktika antikapitalista da, zure burua birpentsatzeko aukera ematen duelako, bizitzen ari zarena eta hartzen zoazen erabakiak zuk nahi duzunarekin lotuta al dauden hausnartzekoa. Psikoanalisia al da arazoei aurre egiteko modu onena? Ospitale psikiatriko batean bukatu duten delitugileekin aritu naizenetan, sarri buruko gaitzetik harago mundutik at utzi duen problematika sozial bat ere ikusten dut eurengan, horrek ere eragina izan duela hartu duten bidean. Hortaz, ikuspegi sozialetik ere erantzun beharko genioke arazoari, kasuan kasu. Argentinan, esaterako, desoreka soziala oso handia da eta ezin dugu norbait entzun eta bere ekintzengatik moralki epaitu, pertsona horrek ez badu inoiz babes sozialik aurkitu edota biolentzian hezi bada. Gazte argentinar marjinatuen artean asko zabaldu da pasta basea [kokainaren antzekoa] eta drogaren atzaparretan erori denarekin ez duzu pentsatzeko asti askorik, ekin beharra dago. Psikoanalisia edo beste edozein terapia indibidual gainditzen duten arazoak dira. Kasuan kasu, beraz, ikuspegi psikoanalitikoa, psikologikoa, psikiatrikoa, soziala… uztartu daitezke. Arazoei aurre egiteko modu asko daude, psikologo-psikoanalistak daude, psikologo-psikiatrak, terapia kognitibo-konduktualak… Soluzio azkar batek balio badizu, primeran; psikoanalisiak gonbidatzen zaitu zure buruari pixka bat gehiago galdetzera, baina ez baduzu galderarik eta ondo bazaude segi aurrera zure bizitzarekin! Kontua da Argentinan gure buruari galdetzeko behar handia dugula. Nire teoria da jatorrizko komunitateen genozidioaren gainean eraikitako gizartea garela, europarron seme-alabak, eta arazo identitario handia dugula; horrek bultzatzen gaitu galdetzera, nondik gatozen, zer egiten dugun, zer garen…
news
argia-559196b9e32b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/girl-scouts-mi5en-zerbitzura.html
Girl Scouts, MI5en zerbitzura
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-09-25 00:00:00
Girl Scouts, MI5en zerbitzura Lehen Mundu Gerra amaierako desklasifikatutako txosten baten arabera, 1914tik 1918ra 90 girl scoutek Erresuma Batuko Segurtasun Zerbitzuarentzat lanean aritu ziren, informazio sekretua pasatzen. Batez beste, neskatoek astean 50 penny jasotzen zituzten mezulari lanak egitearen truke; MI5eko arduradunek, itxuraz, erabateko konfiantza zuten nerabe haiengan, mezuetako batzuk ahoz pasarazten baitzizkieten. Txostenaren arabera, gerraren hasieran boy scoutak ere erabili omen zituzten, baina aurrerago mutikoak baztertzea erabaki zuten, neskak baino "berritsuagoak eta zalapartatsuagoak" zirelako.
news
argia-9147e438bc29
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/yayo-herrero-antropologoa.html
"Jendeak jakin behar du bizitza duina zer den, zer behar den eta zer ez"
Sara Arruabarrena Azkarate
2016-09-25 00:00:00
"Jendeak jakin behar du bizitza duina zer den, zer behar den eta zer ez" Yayo Herrero (@yayo_herrero), ikerketa ekosozialez aritzen den FUHEM fundazioko zuzendaria da eta Ekologistak Martxaneko kidea. Madrilen egin digu harrera, bizitzaren iraunkortasunaz jarduteko. Haren esanetan, ekologismoa eta feminismoa jarri behar dira paradigmaren erdigunean, bizitza duinaren alde egin nahi badugu. Irailaren 24an Lanak eta eredu produktiboa krisi sistemikoan tailerra emango du Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialistetan, Bilbon. Zer da ekofeminismoa? Mugimendu ekologista eta feministaren arteko elkarrizketa da. Gure iritziz nahitaezko elkarrizketa da, bizi dugun zibilizazio-krisiaren jatorria aztertzen badugu, patriarkatua eta krisi ekologikoa mantentzen dituen hori gauza bera dela konturatuko garelako. Horregatik, gizarte patriarkala alde batera uzteko proposamenek zerikusi handia dute krisi ekologikoa gainditzeko beharrezkoak diren neurriekin. Oso garrantzitsua da ondorengoa azpimarratzea: ekofeminismoa ez da pentsaera joera bat bakarrik, mugimendu soziala ere bada. Sarritan, adituen jakituria munduan esku-hartzetik banatzen da, eta hori arazo bat da. Ekofeminismoak munduan esku hartu nahi du, modu erradikalean hura aldatzeko. Kontzeptua 1970eko hamarkadan erabili zen lehenengoz. Françoise d'Eaubonne frantziarrak bereganatu zuen terminoa, baina garai hartan hainbat mugimendu ekofeminismo hitza erabiltzen hasia zen. Gerra Hotzaren testuinguruan sortu zen: garai hartako kulturak gizonen pribilegioak erdigunean jartzen zituen eta bizitza arriskuan jartzen zuten politika, ekonomia eta teknologia (armak) sortzen zituen. Orduan aldarrikatu zen ezin dela bidezkoa den mundu baterantz aurrerapausorik egin ez bada feminismoa erdigunean jartzen. Ekologismoak eta feminismoak bat egiten dute ekoizpenari egindako kritikan, hazkunde ekonomikoari egindakoan eta garapenari egindakoan, eta bat egiten dute eguneroko bizitza erdigunean jarriko duen gizarte eta ekonomiaren aldeko apustuan. Bizitza erdigunean jartzeak esan nahi du naturaren mende gaudela eta finitua den planetan bizi garela onartzea. Baita mugak dituen eta ahulak diren gorputzak ditugula onartzea ere. Alegia, onartu behar da ezinezkoa dela besteek eskainitako zaintza lanik gabe aurrera egitea. Historian eta ia lurralde guztietan horrela izan den arren, zaintza emakumeek soilik ez dutela egin behar azpimarratzen du ekofeminismoak. Naturaren mende gaudela eta elkarren mendekoak garen izakiak garela azpimarratu duzu. "Bi mendekotasun saihestezin eta ohiko ekonomiaren eskema teorikoetan ikusezinak diren mendekotasunak" direla diozu Bizitzaren iraunkortasuna (REAS Euskadi) liburuan. Ikusezinak direla azaltzeko mendebaldeko gizartean eta kapitalismoan elementu batzuk nola eraiki diren aztertu behar da: ekoizpena, esaterako. XVII. eta XVIII. mendeetan ekonomia, zientzia gisa, ekoizpena definitzen hasi zen. Naturak, gizakiaren laguntzarekin, bere onera ekarri zezakeen oro zen ekoizpena: nekazaritza, arrantza… Gizakiaren beharrak asetzen zituen ekoizpenak. Denborak aurrera egin ahala ekoizpenaren definizioa aldatu da: diruz neurtu daitekeen eta "Zenbat balio du polinizazioak? Zenbat balio du erditzeak? Bizitzaren iraunkortasunerako guztiz beharrezko prozesuak dira eta ezin dira diruz neurtu, prezioa jarrita ere, prozesu horiek kaltetzen badira ez dagoelako atzera bueltarik" ekonomia hazten duen oro da ekoizpena. Arazo bat dago hemen. Zein da, esaterako, galdera hauen erantzuna: Zenbat balio du polinizazioak? Zenbat balio du ozono geruzak? Zenbat balio du erditzeak? Bizitzaren iraunkortasunerako guztiz beharrezkoak diren prozesuak dira eta ezin dira diruz neurtu, prezioa jarrita ere, prozesu horiek kaltetzen badira ez dagoelako atzera bueltarik. Esaterako, ozono geruza mehetu eta eguzkiaren izpi kaltegarriak iristen bazaizkigu, ezin da atzera egin. Arazo bat dugu, diruz neurtu ezin dena existituko ez balitz bezala jokatzen duelako sistemak. Etxean lana egiten duten emakumeen adibidea jarriko dugu. Lan hori ez da lantzat jotzen inon eta ez du eskubide sozialik sortzen. Lurra ustiatzen da eta emakumeak lanean esplotatu, ekonomia kapitalista beraren iraunkortasunerako beharrezkoak direla antzeman gabe. Sistema kapitalistaren ekoizpena ez da posible sinesgaitza den abiaduran natura kaltetu gabe eta etxeko emakumeen lanordurik gabe, hau baita guztiz beharrezkoa duen merkaturako eskulana. Kontraesankorra litzateke sistema kapitalistak lan horiek ordaintzea, funtsean bi mendekotasun horiek baliatuz bada iraunkorra. Absolutuki. Sistema kapitalistak nahitaez natura suntsitzen du eta patriarkala da. Esparru ekologikoan iraunkorra izango den eta patriarkala ez den sistema baterantz egiten badugu aurrera, sistema hori ezin da kapitalista izan. Naturarekiko mendekotasunari helduz, Bizitzaren iraunkortasuna liburuan diozu "gizateriak, nahitaez, gutxiagorekin bizitzera ohitu beharko" duela. Egoera premiazkoa da plano ekologikoan. Azken hamarkadetan ekonomiak baliabide berriztagarrien eta ez berriztagarrien zati handi bat kontsumitu du eta haren zikloak aldatu ditu. Gizakiak nahitaez gutxiagorekin bizi beharko du, ez baitago lehen zegoen energia eta mineral kopuru bera. Gutxiagotze material hori zein bidetik egingo den da galdera: ea faszismoaren bidetik egingo den, esaterako. Hau da, botere ekonomiko, politiko eta militarra duten horiek euren bizitza eredu xahutzailearekin jarraituko duten ala ez, sistematik geroz eta jende gehiago kanporatzearen kontura. Egoera horren adierazlea da gaizki izendaturiko "errefuxiatuen krisia". Migrazio ereduak errepikatu egiten dira: landa eremutik hirira doazen pertsonek klima aldaketak eragindako lehortzeengatik ihes egiten dute askotan, eta hirira ailegatutakoan gerrarekin egiten dute topo. Baliabideen kontrola helburu duten gerrak dira: energiaren eta mineralen norgehiagoka dago Siriako, Ekialde Hurbileko eta Afganistango gerretan. Euren herrialdetik kanporatutako pertsonak dira errefuxiatuok eta hainbeste gizabanakoren bizitzarekin amaitzen duten bidaia penagarriak gainditzen dituztenek hesia aurkitzen dute Europara iristen direnean. Bi motako diskurtsoa dago migrazioaren inguruan. Azaldu iezazkiguzu bi diskurtsoak. Lehena, esplizituki faszista da: "Hemen ez gara denok sartzen". Bigarrena solidarioa da, migratzaileak sartzeko beharraz dihardu, baina aldi berean ez du zalantzan jartzen herrialde horietan arpilatutako baliabideei esker mantentzen den sistema ekonomikoa. Hau da, badaude gizartean pertsona errefuxiatuen egoera konpondu nahi duten pertsonak, baina aldi berean mendebaldeko herrialdeetan dugun eredu ekonomiko eta ekoizpen eredua mantendu nahi dute. Migratzaileak ez sartzeko hesia erabiliko bagenu energia ez sartzeko, materialak ez sartzeko edo hondakinak ez ateratzeko, ez genuke bi hilabete ere iraungo. Zaintzari erreparatuta, Espainiako Estatuan eta Europan, konturatuko gara kasu gehienetan arpilatutako herrialdeetatik datozen emakumeek egiten dutela lan adindunak, umeak eta elbarrituak zaintzen. Baina ez da Espainiako eta Europako kontua soilik, mundu osoko naturarekiko mendekotasunaz eta elkarren arteko mendekotasunaz ari gara, eta sostengaezina da.   "Migratzaileak ez sartzeko hesia erabiliko bagenu energia ez sartzeko, materialak ez sartzeko edo hondakinak ez ateratzeko, ez genuke bi hilabete ere iraungo" Gutxiagorekin bizitzea nahitaezkoa izango dela esaten dudanean kontuan izan behar da hasierako egoera ez dela berdina guztiontzat. Herri pobreenek seguruenik gehiagorekin bizi beharko dute, eta mendebaldeko herrialdeetan egoera prekarioan bizi direnek ere euren kontsumoa handitu beharko dute zenbait arlotan. Baina herrialde aberatsetako gehiengoa materia gutxiagorekin eta energia gutxiagorekin bizi ahal da. Gehiago behar duen jendea badago, asko dutenek gutxiagorekin bizitzearen kontura izan beharko du. Herritar askok uste du egoera horretan luze jarrai dezakegula. Alderdi politiko eta instituzioek ere ekonomia "berpizteko" kontsumoa eta gastua bultzatu behar dela errepikatzen dute. Badaude teoria oso interesgarriak krisi orokor batetik gizartearen krisian murgilduta gaudela esaten dutenak. Nahiz eta egoera larria izan eta klima aldaketa, energiaren krisia edo uraren pozoitzearen inguruko etengabeko informazioa jaso, ez da inongo erantzun politiko-sozialik sortzen. Bi alderdi azpimarratuko nituzke hori azaltzeko: alde batetik, esparru kulturala. Teknologian sinesten dugu, "hori konponduko duen zerbait sortuko dute" esaten dugu, eta ondorengo esaldian laburbiltzen da: "Joango gara beste planeta batera". Errealitateari so egiteak ezinegona eta beldurra sortzen du. Beldurrak geldiarazi ahal gaitu arazoa nondik datorren ez dakigunean. Beldurra dugunean eta geldirik geratzen garenean gizakiok beste alde batera begiratzen dugu. Panorama mediatiko bat ere badago, adituen jakituria uneoro azaleratzen duena: "Ez larritu, adituen esku dago arazoa". Horrek auzian lan egiteko beharra alde batera uzten du. Esparru politiko-instituzionalean lau urteko hauteskunde kanpainak ditugu. Aldaketa kultural garrantzitsuak beharrezkoak dira: jendeak jakin behar du ongizatea zer den, bizitza duina zer den, kontsumoa zer den, zer behar den eta zer ez, zer diren eskubideak eta zer pribilegioak… eta aldaketa hori gaurko kulturaren aurka doa. Hauteskunde kanpainan hautagaiek ez dute imajinario kolektiboaren aurka egiten. Nik uste dut modu sinesgarrian esan ahalko liratekeela gauza horiek guztiak; nola egin daitekeen aztertu eta alternatibak mahaigaineratu behar dira. Hala ere, gizartea aldatu nahi duenak ezintasuna aurkituko du aurrez aurre, ia ezinezkoa baita hastapeneko ekoizpenak zituen irizpideak berrezartzea. Zein dira ekofeminismoaren proposamenak eredu jasangarria lortzeko? Hiru hegemoniaren aurka borrokatu behar da: hegemonia ekonomikoa, politikoa eta kulturala. Zailena hegemonia ekonomikoa dela iruditu arren, nire iritziz ez da horrela. Aspalditik dago ekoizpen eredua aldatzeko proposamena eginda, hainbat esparrutan: nekazaritza, industria, hirigintza, garraioa… Sektore suntsitzaileak eta beharrezkoak ez direnak itxi behar dira eta garatu daitezkeen eta lanpostuak sortzen dituztenen aldeko apustua egin: eraikinen energia-birgaitzea, tokian tokiko elikagaien ekoizpena, taldean eta gertutasunean oinarritutako garraioa… Gizartean zaintza lanaren beharra sekulakoa da, esaterako. Hiru galdera erantzun behar dira: zein dira ditugun baliabideekin (eta ez ez ditugunekin) ase behar diren beharrak; zer ekoitzi behar dugu horiek asetzeko; eta azkenik, zein dira sozialki beharrezkoak diren lanak. Aberastasunaren birbanatze ikaragarria da hori, baina baita denborarena ere: antolatu egin behar da bizitzarako beharrezkoa den denbora eta banatu egin behar da, baita zaintzarena ere, emakume eta gizonen artean.
news
argia-19a571e3d5d2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/badaezpada.html
Badaezpada
Miren Artetxe Sarasola
2016-09-25 00:00:00
Badaezpada Ez da Diogenes sindromea. Ez omen da hain muturreko kontua. "Pilaketa patologikoa" objektuak zentzugabe eta kantitate handitan pilatzera garamatzan nahasmena omen da. Gaixoak gauzei berezko balioa egozten die, edo gerora erabiliko dituen ustean gordetzen ditu, edo besterik gabe, kontrol eta ziurtasun sentsazioa ematen dio objektu horiek edukitzeak berak. Surf  ikastaroa, Siziliara bidaia, Sanferminak eta Aste Nagusiak. Pirinioetara joan-etorria. Beltzarandu. Irakurri. Beltzarandu gehixeago. Patologia da, gaixoari kosta egiten zaiolako gauza horiek denak gabe bizitzea. Eta kontua da luzera begira objektu horiek guztiak ezin direla modu ordenatuan bildu, eta bizitzari lekua kentzen diotela. Gauzek. Orain igo Stromboliko argazkiak Facebookera –ez ginen alferrik egon mugikorraren pantailari begira sumendia lehertzen ari zen bitartean–. Eman izena yoga ikastaroan. Edo batukadan. Erosi korrika egiteko oinetakoak eta Zinemaldiko sarrerak. Segi estropadetara eta Porrontxotara. Bota sekulakoa. Jo larrua. Bidali txorta-kide hari mezu bat gustura egon zinela esanez, bera oso gustura egon zela erantzun diezazun. Ez dakizu berriz nahi izango duzun. Baina, eduki hor. Badaezpada.
news
argia-40d877383df2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/zenbait-eskaera-alderdi-politikoei.html
Zenbait eskaera alderdi politikoei
I�aki Martinez De Luna
2016-09-25 00:00:00
Zenbait eskaera alderdi politikoei Hauteskunde garaian politikariek eskaintzak egin ohi dizkigute, ordea, orain nik hartu nahi dut txanda, haiei eskaerak egiteko. Nire eskaeren muina Julia Sallabank-ek (University of London) iradoki dit zeharka, artikulu baten bitartez (Bat Soziolinguistika aldizkaria 98). Hizkuntza gutxituak berreskuratzeko asmotan nazioartean dabiltzanen eskarmentuan oinarrituta, honela dio egile horrek: "Sarritan, komunitateak zatitu egiten dira desadostasunen eta hizkuntza nola 'salbatu' behar den ingurukoen kontrako pentsaera eta ideologien ondorioz". Ezaguna dugu hori gure artean. Arazoa berez ez da iritzi zein interes ezberdin edo kontrajarriak izatea; arazoa da halakoak ongi kudeatzen ez asmatzea. Larriago oraindik, desadostasunak bideratzen ez ahalegintzea. Adostasunik gabe, Sallabankek dioskun "komunitatea zatitzea"ren mamuarekin egingo dugu topo. Izan ere, ezaguna (eta ulergarria) dugu alderdiek elkarrekiko duten joera erasokorra. Baita gizartean alderdien ika-mikek duten eragin zatitzailea eta desmobilizatzailea ere. Azken helburuaren gaineko definizio partekaturik ezean, argudioek kutsu demagogikoa hartzen dute. Zein helbururekin egiten zaizkigu proposamen horiek? Euskara biziberritzea ala boto-saldo bat bereganatzea? Sallabanken ustez, "hizkuntza biziberritzea zer den" ez ohi da modu zehatzean eta adostuan definitzen. Horrela, hizkuntza politikari eta  plangintzari dagozkien pausoak asko zailtzen dira. Diseinuak eta ekintzak katramilatu, eta horren ondorioz, indarrak alferrik xahutzen dira. Esandako egilea berriz ekarriz: "…helburuk ez dira beti agerian, eta emaitzak ez dira maiz ebaluatzen". Jakina, ez bada argi esaten hizkuntza biziberritzea zer den, ez dugu helburu eta epe garbirik izango. Zeren arabera ebaluatu, beraz, ahaleginen egokitasuna eta lortutako emaitzak? Euskararen inguruko definizio adosturik gabeko horretan murgildurik, kritika batzuk entzuten dira, tarteka-marteka, egiten dena gehiegi edota gutxiegi delakoan. Era berean, neurri edo kontra-neurri batzuk luzatzen dizkigute politikariek, aukera hoberena norberarena dela gu konbentzitu nahirik. Azken helburuaren gaineko definizio partekaturik ezean, argudioek kutsu demagogikoa hartzen dute. Zein helbururekin egiten zaizkigu proposamen horiek? Euskara biziberritzea ala boto-saldo bat bereganatzea? Hortaz, nire eskaerak alderdi politikoei: "Esan dezaten euskara biziberritu nahi duten ala ez". Baiezkoan: "Bakoitzak esatea euskara biziberritzeaz zer ulertzen duen". Eta, atrebentzia handirik ez delakoan, beste hau ere bai: "Esan dezaten elkarbizitza bultzatzea ala, mozkin politikoen bila, euskara baliatzea lehenesten duten". Erantzuna "elkarbizitza"ren aldekoa izango den esperantzan, hona azken eskaera: "Euskara biziberritzeko ahalegin koordinatua egin dezaten".
news
argia-5b396104f1e8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/ignacio-gil-nafarroako-gobernuko-landa-garapenerako-zuzendari-nagusia.html
"Nafarroako ubidearen Bigarren Zatiaren proiektu zaharra egitea baztertua dago"
Xabier Letona
2016-09-25 00:00:00
"Nafarroako ubidearen Bigarren Zatiaren proiektu zaharra egitea baztertua dago" Fustiñana, 1966. EHNE sindikatuko arduradunetakoa izan da gobernuan ekin aurretik. Nekazaria da eta Erriberakoa izanik ongi ezagutzen du urak bertan duen egoera. Nafarroako ubidearen aurkakoa izan da eta orain haren Bigarren Zatiaz erabaki behar duen gobernuko kidea da. Nafarroako ubidearen Lehen Zatiaren zabalkundea amaitua beharko litzateke aurreikuspenen arabera. Nola doa? Bi adar daude, Ega ibaikoa eta Argakoa. Egakoa da atzeratuen dagoena. Gu gobernura iritsi aurretik tentsio uneak izan ziren hainbat udalekin, esaterako Leringoarekin. Hangoa herri kontsulta batekin amaitu zen eta erabaki zuten ez zutela Nafarroako ubideko urik erabiliko haien ohiko ureztatze sistema berritzeko. Carcarrek oraindik ez digu ofizialki erantzun, baina badirudi ez duela parte hartuko Nafarroako ubidean.  Egungo aurreikuspenekin, Argako zatian ureztatze hasiera 2018ko apirilerako litzateke eta Egakoa 2019ko irailerako. Nafarroako ubidearen Bigarren Zatia hor dago, ekin gabe oraindik. Ezer erabaki aurretik, Nafarroako Gobernu berriak azterketa bat agindu zuen 2016rako. Zer ari da aztertzen zehatz-mehatz? Dugun proiektua erabat defizitarioa da, beraz gure zeregina da proiektu orekatu bat egitea, herritarrek eta gobernuaren poltsikoek onartzeko gisakoa. Inoiz ez da egon Bigarren Zatiaren proiektu zehatzik idatzia, baina edozein kasutan, hitz egin izan den hura, aire librean joango zena,  sifoi bat Ebron eta bestea Aragoi ibaian… proiektu hura dagoeneko baztertua dago. Orain ikusi behar da hari zer gehitu ahal zaion orain arte egindako guztiari ahalik eta etekin orekatu eta handiena ateratzeko. Aztertzen ari gara ureztatzaile komunitate berriak, komunitateek duten ur ahalmena, jabegoen egitura, ureztatzailearen figura, ur kostuak, ureztatze alternatibak… Behin beharren, eskarien eta alternatiben mapa hori dugunean, eta kontuan hartuta etorkizuneko erabiltzaileak diru asko jartzen duela, erabakia kontsentsu bidez hartu behar da. Nafarroako ubidea erabaki horien artean izango da, baina ez da bakarra izango. Abendurako argazki hori eduki nahi dugu eta 2017an aipatu kontsentsu hori lortzera bideratutako partehartze prozesua egingo da. Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidearen aurka egon den gizarte zatiak aspalditik aldarrikatzen du bikote honek ekarri duenari buruzko azterketa orokorra. Hori ere egingo da? Orain mahai gainean dugunarekin ari gara, proiektu zaharrak dituen oker horietako asko zuzendu nahian, baina egingo dugun horrek kontuan izango ditu analisi ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa. Moduak ere aldatuko dira, ez dugu egin nahi lehenik hodiak sartu eta gero galdetu. Orain arte ere egin izan dira ikerketa ekonomikoak, baina ez ziren errealistak eta lehengo Gobernuaren nahietara janzten ziren. Lerinen adibidez, nik argi esan nien ez niela errentagarritasun azterketarik egingo, haiek badakite ureztatzearen errentagarritasunaz. Guk esango diegu benetan zer balio duen ureztatze sistemak, bestelako ametsik saldu gabe. Lur sailei begira, Kontuen Ganberako 2015eko txosten batek dio partzelen bateratzeek jabegoen %17ko gutxitzea ekarri dutela eta 19.034 partzelatik 5.620ra pasatu dela. Zer ekarri du horrek? Ustiaketaren ikuspegitik lurrak batzea ona da ohikoan, ez bakarrik Nafarroako ubidearekin, edozein ureztatze laboretan da abantaila bat. Ez da berdin ureztatzea hainbat tokitan diren lurjabe baten zazpi partzela edo denak batera badira. Txosten horretako beste datu batzuk: "3tik 48 produktura pasatu dira, produkzioaren balorea 17,8 milioitik 68,1era pasatzen da, errentagarritasuna 3 milioitik 18ra…". Ubidearekin nekazaritzari begira jauzi handi bat eman daitekeela esan nahi du horrek? [Ezetz egiten du tinko buruarekin] Ez da horrela. Kontuen Ganberak INTIAko iturriak bakarrik izan ditu eta –ez dakit ongi dagoen nik hau esatea– enpresa hau proiektuaren propaganda tresna izan da. Hori guztia proiektua saltzeko lehengo moldearen parte da. Bada arrazoi zati bat aipatzen den horretan guztian, baina uste dut esajeratua dela. Adibidez, azken bi urteetan artoaren balioa 230 euro/tonatik 180 euro/tonara pasatu da. Edozein ekoizlek daki 180 euro horiek, izan Nafarroako ubidean edo beste edonon, errentagarritasunaren mugan daudela. Nafarroako ubidearenak ureztatze sistema garestiak dira eta garagarrarekin, esate batera, ez dago horri buelta ematerik, ezta hektareako 6 tona aterata ere, eta hori sekulako uzta da. Inork ezin du pentsatu laborantza estentsiboan produktu bakarrarekin egingo dionik aurre inbertsioari, ez bada oso lur kopuru handia duela. Sektoreari bestelako ikuspegia eman behar zaio, balio erantsi handiko produktuei bideratua. Bigarren Zatiaren hainbat alternatiba daude mahai gainean. Zuen azterketaren datuak ikusi beharko dira lehenik, baina sailak ba al du aldez aurreko posiziorik? Nire iritzi osoa gorde egingo dut, baina irizpide batzuk aipatuko dizkizut. Bigarren Zati horretan herrietarako ura beharrezkoa da eta betiko nekazaritza ureztatuan ere zuzendu behar dira hainbat egoera. Nafarroako ubidea oztopo izan da herrietako ur beharretan Erriberan behar ziren konponketa eta alternatibei begira. Erriberarako ura eskatuz urteetan mezu okerra bidali da Nafarroako gizartera. Ebrok aldenik alde gurutzatzen du Erribera, hor dira Tauste, El Ferial, Lodosa eta Bardeetako ubideak, Queiles eta Alhama errekak, Valeko urtegia… tira, urrez inguratuak gaudela. Azken finean, orain egiten ari garen analisi honek guztiak, balio beharko du Nafarroan ureztatze laborantzaz eta uraz bideratu behar dugun estrategia finkatzeko. Baina Erriberak erabiliko du Itoizko urtegiko ura edo ez du behar? Administrazioaren eginbeharra da Itoizko ur ahalmena ahalik eta ondoen optimizatzea. Defizitarioa izan ez dadin, bere ur erabilera zabaldu egin behar da eta erabiltzaileen eskaerak ez dira falta. Baina egiten dena errentagarria izan beharko da bai administrazioarentzat bai erabiltzailearentzat, horrekin jokatu beharko da.
news
argia-92897f7a1513
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/ttip-edo-demokraziaren-heriotza.html
TTIP edo demokraziaren heriotza
Baleren Bakaikoa Azurmendi
2016-09-25 00:00:00
TTIP edo demokraziaren heriotza Atlantiko gaineko Merkataritza eta Inbertsioetarako Partaidetza (TTIP) ezagun bilakatu zaigu azken urteetan. Ez da kontu berria, hala ere. Duela hogei bat urte enpresa multinazional batzuk, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) babesarekin saiatu ziren AMI (Inbertsiotarako Aldeanitzeko Akordioa) indarrean jartzen, baina oposizio gogorraren ostean bertan behera geratu zen multinazionalen proiektua. Saiakera ezerezean geratu zen, baina itzultzeko asmoz. Europako Batzordeak oraindik negoziatzen jarraitzen du TTIPa, baina erakunde horretan indarra duten zenbait kidek, hala nola Frantziako Estatuko Gobernuak edo Alemaniako alderdi sozialdemokratak, jadanik negoziazio horiek eten egin behar direla diote. Hala ere, kontuz, datorren urtean bi herrialde horietan hauteskunde nagusiak dituzte eta badakite, jakin ere, hiritar andana TTIParen aurka dagoela, eta oraingoz ez zaie interesatzen negoziatzen jarraitzea. Beraz, hauteskunde horien ondoren, ziurrenik, berriro ere aurrera jotzeko asmoa izango dute. Horrez gain, datorren urrian Kanada eta Europar Batasunaren (EB) arteko oso berdintsua den akordioa, berau ere ezkutuan, sinatzekoak dira. Hitzarmen hori sinatzen bada, AEBei ateak irekiko zaizkie EBn beren ondasun eta zerbitzuak komertzializatzeko, AEBek ateak irekita izango dituzte Kanadatik EBra sartzeko, jadanik bi herrialde horiek, Mexikorekin batera, NAFTAko kide direlako. Haatik, Kanada Troiako zaldia izango da EBn eta AEBetako ondasun eta zerbitzuen inbasioa jasango dugu lurralde hauetan, beren kalitate, langile eta ingurumenaren babesaren kaltetan. Gainera, jatorrizko izendapena ere ezabatu nahi digute. Gure sistema demokratikoa edo geratzen zaigun demokrazia urria jota geratuko da eta kudeaketa hori multinazionalek burutuko dute Uda aurretik, Eusko Jaurlaritzako kontseilari bati entzun genion euskal industriak hobekuntza izango zuela TTIPa onetsi ostean eta lehenbailehen egikaritu behar dela. EAEko hauteskundeak direla eta, komenigarria izango litzateke TTIPi buruz eztabaidatzeko eta legebiltzar berria osatu bezain pronto bertan eztabaidatzea eta ebazpen bat onestea, jadanik Walonian egin den moduan. Sinbolikoa izango da, baina garden geratuko da alderdi bakoitzaren jarrera epe ertain eta luzean jasango ditugun ondorio larriak epaitzeko. Ez dakit gure kontseilariak nondik atera dituen kontu horiek. Jakin badakigu, egun muga zergek apenas garrantzirik dutela. Ohiko merkantzien gainekoa ez da %2 baino gehiago. Nekazaritza ondasunek babes handiagoa daukate EBn sartzean eta muga zerga horiek deuseztatzen badira, Europako nekazari txikiarenak egingo du,eta okerrago euskal nekazaritzarenak. Izan ere, Mexikok bat egin zuenean AEB eta Kanadarekin, 1995ean NAFTA sortu ostean, bi milioi eta erdi nekazari txikiek beren arto eremuak utzi behar izan zituzten eta hirietara migratu, AEBetatik arto subentzionatua Mexikon saltzen duelako. Bestalde, AEBetako Nekazaritza Sailak egin ditu zenbait hurbilketa jakiteko nolako eragin ekonomikoa izango duen TTIPak. Bi agertokiren arabera, EB galtzaile ateratzen da. Lehenengo agertokian, muga zerga apalekin, AEBetako esportazioak 5.500 milioi dolarretan igoko lirateke eta EBkoak 800 milioietan. Muga zerga eta merkataritzarako oztopo oro kenduta, AEBetako esportazioak 10.000 milioitan handituko lirateke eta EBkoak 2.000 milioi dolarretan. Agerikoa da nor izango den garaile. Multinazional iparramerikarrak kexu dira AEBetako botikek EBn saltzean osasunean eraginik ez dutela frogatu behar delako, hemengo arautegiaren arabera. Aldiz, AEBetan, kaltetutako pertsonak demostratu behar du edozein ondasun edo botika kaltegarria dela. Beraz, bigarren metodo hori  ezarri nahi dute gure artean, Europako prebentzio sistema saihestuta. Halaber, gure sistema demokratikoa edo geratzen zaigun demokrazia urria jota geratuko da eta kudeaketa hori multinazionalek burutuko dute: gobernu batek herritarrak babeseko neurriak hartzen baditu, neurri horiek sortuko duten "mozkin galdua" kalkulatuko dute eta gobernu horrek bere aurrekontuen bidez ordaindu beharko die enpresa erraldoiei. Gobernu demokratiko eta enpresa erraldoien arteko gatazkak konpontzeko epaile ez-profesionalak izendatuko dituzte, epaile arruntek burutu ordez, abokatu bufete ospetsuetako juristak izango baitira epaile. Beraz, Montesquieuren botere banaketaren teoriak berea egingo du multinazionalen mesedetan. Ziurrenik, oraingoz bederen, TTIParen negoziazioak bertan behera geratuko dira eta Barack Obamarentzat izugarrizko porrota izango da, baina luze baino lehen, berriro, mahaiaren gainean azalduko zaigu, etsaiak ez baitu inoiz lorik hartzen.
news
argia-79031529743a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/liburua.html
Ipuin bat, besterik ez
Xabier Etxaniz Erle
2016-09-25 00:00:00
Ipuin bat, besterik ez "Aitatxo? Irakurriko diguzu ipuin bat?". Galdera inozente hori dugu album honen hasieran; eta itxuraz oso kontu sinplea eta inozentea dirudiena korapilatzen joango da aurrera egin ahala. Otsoaren ipuina du izenburu Véronique Caplain eta Grégoire Mabireren liburu honek eta gure artean, gizakion artean, otsoa beti animalia gaiztoa, indartsua eta indarkeria zalea, erasotzen eta hiltzen duen animalia moduan ikusi izan bada, pentsa zer usteko duten ahuntzek... Istorio honetako protagonistak Aker aita, eta Antton eta Xixili antxumeak dira eta. Narratzaileek, testuaren bidez eta irudien bidez istorioa narratzen diguten biek, aita eta umeen arteko istorioa kontatzeaz gain, aitak irakurtzen duen liburuarena ere azaltzen digute, bien artean egoera paraleloak sortaraziz jolas polita sortuz, gainera. Aita irakurtzen hasi da: "Negua da eta hotz handia egiten du kanpoan. Basoan, otso bat janari bila dabil. Egunak eta egunak eman ditu jan gabe, eta gose da, hain gose, non hortzak dardarka hasi baitzaizkio: KLA! KLA! KLA!". Une horretantxe, zarata arraro bat entzun dute kanpoan: KLA! KLA! KLA! (…) Itzul gaitezen gure ipuinera: "Herritarrak beldur dira; hain beldur, non ateak giltzaz itxi baitituzte. KLIK KLAK!". Une horretantxe, zarata arraro bat entzun dute etxean: KLIK KLAK!". Aita irakurtzen ari den liburuko egoerak beren etxean, beren inguruan errepikatzen direla sentitzen dute; eta ikaratu egiten dira antxumeak. "Otsoa izango da? (…) Bai, zera! Ez da posible. Gure basoetan ez dago otsorik". Eta aitatxoren erantzun horrekin antxumeak lasaitzen direla ematen du. Ikusleak, baina, argi eta garbi nabarituko du umetxoei erantzun hori eman arren aker aitaren begiradan gero eta larritasun, gero eta ikara handiagoa ikusten dela. Amaieran, jakina, irakurlearen irribarrea bilatzen da. Hain adoretsuak diren horiek ere beldur izaten direla; aitatxok ere bere burua ezkuta dezakeela eta ezkutatzen duela kuxinen azpian! Eta orduan umetxoek "Ipuin bat besterik ez da. Ipuin bat, besterik ez", esanez amaiera ematen diote liburuari (irakurtzen ari ziren liburua besopean, lasai, besaulkian erdi jolasean, harridura eta kuriositate aurpegia dutelarik, kuxinen azpian ezkutaturik, aurpegi erdia bakarrik bistan duen aitari begira). Istorioan ageri den narrazio honez gain badira irudien bidez azaltzen zaizkigun beste kontu asko. Sentimenduen eta sentsazioen deskribapenak, espazio eta tokien sinpletasunaren bidez ikuslearen begirada garrantzitsuenera bideratzeko asmoa… eta baita ere aitatxoren presentzia etxean, etxeko lanak egiten, sukaldean, arropa garbitzen eta zintzilikatzen, haurren ardura bere gain hartuz. Alegia, umorezko kontu horrez gain, otsoaz gain, beste kontu ugariri erreparatzeko moduko istorio bitxia da Otsoaren ipuina hau.
news
argia-2eab43037853
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/zumitzan-hor-hormonak.html
Zumitzan, hor hormonak
Jakoba Errekondo
2016-09-25 00:00:00
Zumitzan, hor hormonak Hormona tartean gabiltza azkenaldi honetan. Zuhaitz eta zuhaixka, edozein, ugaltzeko boladarik aproposenetakoa da eguna mozten ari den urteko sasoi hau. Komeni da ugalketarako landatu nahi dugun aldaxkek itsasteko ur-laguntzailea hormonaz gainezka edukitzea. Haziekin bezala, beste zenbait landare zatirekin ere osa daiteke ur hori; ur horri hormonak erantsi, alegia. Zumeak ( Salix spp ) baliatzen dira hormona iturri gisa. Gurean eskuera zume ugari dugu: zume jatorra edo mihimenarra ( Salix viminalis ), zume hauskorra ( Salix fragilis ), zume hibridoa ( Salix x rubens ), zume gorria ( Salix purpurea subsp. lambertiana ), zume hostoestua ( Salix elaeagnos subsp. angustifolia ) eta zume negartia ( Salix babylonica ). Guk "sahats zuria" deitzen diogun Salix alba zuhaitzari zume zuria deitzen dionik ere bada. Zikulusaltsa polita dugu familia horrekin ere! Salix generoko landare jendearen artean euskaldunok zumeak eta sahatsak bereizten ditugu. Baina hori beste baterako utziko dugu. Zumeak urzaleak dira: errekasto, erreka, ibai, errio, zingira, ubare, urlo, ur-geldi, ur-ustel, aldaparo eta antapara, erreten... Ura non zumea han! Ura du altzo. Adar bat hautsi eta uretara erortzen denean, hark eramango du beste toki batera, eta lurra ukitu orduko itsasten lagundu. Hara zume berria. Aise errotzen da, iaio asko. Abilezia hori hormonek ematen diote. Zumeak sustraiak emateko duen erraztasun hori ez du edozein landarek. Asko dira adarretik sustraiak emateko gaitasuna izan daitekeenik sumatu ere egiten ez dutenak. Horiek adarretik ugaltzeko baliatuko dugu zumea. Zumearen adar muturrak behar dira. Gazteenak, gurienak, hor ari baita hazten: hor hormonak. Arrabete luze, gutxi gorabehera; hostoak kendu eta adarra bera erabiliko dugu. Bi era daude: infusioa edo beratzea. Infusioa egiteko ur irakinetan sartu, surtatik atera eta ontzia estalita bertan utzi ordu laurden batez. Beratzeko, berriz, pare bat egunez uretan sartuta eduki adarrak. Itsastea nahi dugun landareari adarra moztu, muturreko hostoak bakarrik utzi azpiko aldea soilduz, ebakia saiheska egin, hori zume-uretan busti eta lurrean sartu. Ureztatzeko ere ur hori erabili. Hozkailuan hilabeteak irauten du.
news
argia-1eda7d2a0e2c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/harrak-heroiak-eta-arrakasta.html
Harrak, heroiak eta arrakasta
Irati Elorrieta
2016-09-25 00:00:00
Harrak, heroiak eta arrakasta Gaia: Feeling high on Hermannplatz. Nor da Hermannplatzen droga baten eraginpean bezala, zeruetan sentitzen dena? Eta zer dela eta bizi du flipaldia? Mezuaren bidaltzailea identifikatu gabe, izenburua aski izan da bideoan klik egiteko. Hermannplatz, beraz; gentrifikazioak honezkero gurutzatu duen bi auzoren mugan kokatuta, bazter batean bere marka den Karstadt-arekin, saltoki handiak deitzen zitzaien horietako baten eraikinarekin. "What if you were celebrated just for being you?" esaldia irakurtzen da bideoaren gainean. Zarenagatik goraipatua izan, just, beste ezeren beharrik gabe. "What if... ". Zer iruditzen zaizu? Imajina dezakezu? Trafikoa gelditu eta oinezkoen semaforoa berde jartzean, egunkaria irakurtzen eserita zegoen emakumea, pilota batekin jolasten ari ziren mutikoak... itxuren ezkutalekutik atera eta korrika batean doaz errepidera. Zebrabidearen bi alboak betetzeko adina dira eta bidea zeharkatzen ari direnak txalotzeari eta bibatzeari ekiten diote. Tourreko txirrindulariak animatzen egoten direnen antzean. Esanguratsuak dira sorpresaz hartzen dituen oinezkoen erreakzioak. Badira kirolari irabazleen mimika imitatuz besoak jasotzen dituztenak, momentua autentikoki gozatzea lortzen dutenak. Edo keinua egin eta gero, barre urduriarekin begirada jaisten edo zerura zuzentzen dutenak. Badago handitasun sentipena eskuarekin agur eginez jokatzen duenik, zinema munduko jendeak edo errege-erreginek egingo luketen bezala. Lotsaz ahoa eskuarekin estaltzen duena. Bere ordura arteko ibilerari irmo eusten diona, guzti hori ez doalako berarekin. Pentsatzen jarri naiz nik nola erreakzionatuko nukeen. Nola gustatuko litzaidakeen erreakzionatzea. Zenbateraino behar ditugun halako momentuak gure bizitzan; eta gehienok ez ditugun, noski. "Everyone is a hero" esaldiarekin bukatzen da bideoa, gutako bakoitzaren heroitasuna seinalatuz. Gero irakurri dut "flahmob" xume honi testuingurua jartzen dion zita: "Gure helburua izan behar da", dio irakasle batek Der Spiegel astekarian, "bizitza arrakastatsuak posible egitea; eta ez bizitzak zailtzea nota txarrekin, umore txarrarekin". Ikasturte hasiera okasiotzat hartuz, eskolako hezkuntzaz polemizatzen duen artikuluan, umeak eskolan sarriegi txikitu egiten direla esaten du, irakasleek beren frustrazioa haiekin kanporatzen dutelako. Haurrentzako liburu bateko protagonista etorri zait burura. Ida, eskolarako bidean hamabost har salbatzeagatik berandu iritsi da lehen egunetako batean. Neskatoa harro sentitzen da, baina irakasleak egindako okerragatik errieta egin dio eta gurasoek sinatzeko oharrarekin bidali du etxera. Badago haur literaturako klasikoen artean, aitarekin soilik bizi den mutiko bat. Jatorrizkoan Alfons Aberg du izena, baina itzulitako hizkuntza bakoitzean izen ezberdina du, eta euskarazkorik ez. Bere lehen eskola eguna izango denaren aurreko gauean, lo egin ezinik dagoela, aitak lasaitzeko esan dio, ez duela beldur izan behar, bera bezain urduri daudela gainontzeko beste haurrak ere. Lehen egun horretan, irakasleak sekretu bat kontatu diela esanez bueltatu da etxera: bera ere lo egin ezinik egon dela. Irakasleek beren buruari baimendu ohi ez dioten zerbait egin du: Ahultasuna erakutsi. Eta, bide batez, haurrei barrea eragin die eta haien konfiantza irabazi du. Giro bat ala bestea sortzen duenak berak ere, horixe bizi du. Zebrabidean txalo-joka ari direnak zein ondo pasatzen ari diren ikusi besterik ez dago.
news
argia-1b408256c3af
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/diskoa.html
Itsaso zabalagoetarantz
Iker Barandiaran
2016-09-25 00:00:00
Itsaso zabalagoetarantz Horixe da Euskal Herriko musika panoraman gertatzen dena, hain zuzen ere. Izebergaren muturra fokuen azpian eta ur azalean denon begi bistan egon arren, gainontzeko eszena guztia oharkabean gelditzen dela burua ur azpian sartzen ez badugu behintzat. Eta nork dauka jakin-mina eta gogoa norbera "busti" eta azpian dagoena arakatzeko? Bada, zoritxarrez, jende gutxik. Baina guk besoa ukondoraino sartu eta gehienetan egin ohi dugun bezala, horietako bat atera dugu orriotara. Oharkabean izan dut laukote honen berri eta beraien DNA eta zazpi abizenak Usurbilen daudela egiaztatu ostean, ohartu naiz talde honetako partaideak gazteak izanik ere zakur zaharrak direla. Hain zuzen ere, herri gipuzkoar horretan azken urteetan izan den ekimen musikalaren protagonista sutsuak direla laurak. Hona hemen Izebergaren aurrekariak: hala nola, Odolaren Mintzoa rock taldea, Mendeku Itxua heavya eta Hotzikara thrash-metaleroa, hain zuzen ere. Eta diskoa osatzen duten zazpi kantuak herrian bertan, Haritz Harreguyk gidatzen duen Higain estudio dotorean grabatu dituzte. Zertarako, bada, kanpora jo, herrian bertan luxuzko halako profesionalak izanda? Kantuen nahasketa, berriz, Harreguyrekin harreman estua duen Juan Hidalgok egin du Madrilgo Mastertips Mastering-en. Aipatutako musikariek jauzi bat harago egin nahi izan dute eta iraganeko heavy estiloa eta thrasharen gordintasuna melodia borobilagoak dituzten konposizioetan barneratu dituzte, rockean ondo blaitutako doinuen agindupean. Gordeleku bat kanta energiadun pop-rocka da, distiratsua, oso garbia eta hard-rocketik eta heavytik ere edaten duena. Abesteko erak Gorosabel anaiak (Su Ta Gar / EH Sukarra) ekartzen dizkit gogora. Zainetan , berriz, xuxurlatuta abiatzen da Loreleiren antzeko doinuetan, baina intentsitatea gehituta Governors-en jantzia hartzen du ia eta bere baitan desertuko riffak ere batzen ditu. Dotorea! Har(r)iakek ere garapena bizi du bere baitan, eta popetik, power-popa ezagutu, hard-rocka dastatu eta wah-wah hankapetakora igarotzen da, gaiztotuz. Eraldatu eraldatzailea eta zapaltzailea da norbaiten buruan ideia sortu zen unetik: baxu sarkorra, gitarra "killer"a eta tarte metalero zein stonerrak ditu. Zabaldu atea n antzematen da odolean daramaten heavyaren kadentzia duen balada garratza, nahiz eta hardcore melodiko metaleroa ere bere gain hartzen duen. Itzalitako izarrak en ere thras-metalak bere lekua hartzen du. Eta, azkenik, Insomnioen gaua rock jostariaren eta heavyaren arteko abentura da. Hitzak idazteko, baina, Usurbildik kanpo jo dute. Beñat Gaztelumendi, Haritz Casabal eta Jokin Labayenen laguntza izan dute.
news
argia-21fcb01aea94
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/lekeitio-eta-kataluniaren-arteko-sua.html
Lekeitio eta Kataluniaren arteko sua
Alejandra Goikoetxea
2016-09-25 00:00:00
Lekeitio eta Kataluniaren arteko sua Lekittoko Deabruak taldea da Euskal Herrian piroteknia eta kale antzerkia uztartzen dituen bakarretakoa. Herriko Kale Antzerki jaialdian inbidiaz suari begira maiz egondako gazteek 2012an ekin zioten emanaldiak prestatzeari. Uda honetan Kataluniako correfoc emanaldirik handienean parte hartu dute. Umetatik hanka-paluetan ibilitakoak batzuk, han eta hemengo antzerki emanaldietako protagonista txikiak besteak eta Kale Antzerki jaialdietan hesiak jartzen ibilitakoak gehienak; baina beste ezeren gainetik, suaren inguruan ibiltzeak, eta su horrek sortzen dien zirrarak batzen ditu Lekittoko Deabruak kale antzerki taldeko lagunak. Euskal Herrian piroteknia eta kale antzerkia uztartzen dituen talde bakarretakoa da Lekeitiokoa, eta beraien zaletasuna urtero uztailean herrian ospatzen den Kale Antzerki jaialdiari esker ezagutu dutela diote taldeko kideek. "Beste herritar askoren moduan, Kale Antzerki jaialdira gonbidatutako su ikuskizunen esperoan egoten ginen, su artean olgetan ibili ahal izateko" azaldu du Gorka Rodriguez Deabruak taldeko kideak. "Suzko kalejira horietan ikusitakoa gustatzen zitzaigun, bizi egiten genuen baina sekula ez genuen imajinatuko guk geuk ere antzeko ikuskizunak prestatzeko gaitasuna izango genuenik".   Ezerezetik hasi beharra Aurretik Kataluniatik etorritako taldeak ezagututa, Lekeition ere antzeko talde bat sortzeko aukeraren inguruan bueltaka hasi ziren kide batzuk. Ideiak itxura hartu zuen neurrian, taldera gero eta lagun gehiago batu ziren, eta San Juan bezperan deabru mozorro eta katamaloak jantzita Lekeitioko kaleak su eta txinparten distiraz apaindu zituzten. 2012ko ekaina zen. "Hasiera guztien moduan, gurea ere ez zen erraza izan, zerotik hasi behar izan genuen, horrek dauzkan zailtasun guztiekin" azaldu du Rodriguezek. "Denok ginen su zaleak baina inor ez zen mundu horretan ibilitakoa, eta are gutxiago profesionala" aipatu du Hodei Izarra taldekideak. "Hasieratik bukaerara ikuskizun bat prestatzeak pentsa baino lan gehiago dauka, arropa prestatu, musika aukeratu, gidoi txikia idatzi… dena guk egin behar izan genuen, baina erronka polita izan zen". Ikusleen artean, suarekin beldurtu eta albo batean geratzen direnak ere asko dira, beraiekin haserretzeraino Betidanik izan dute harreman estua lekeitiarrek Kataluniatik etorritako su ikuskizunen taldeekin. Izan ere, gehienak Kale Antzerki jaialdiaren bueltan esku bat botatakoak dira. "Zaintza lanak egin ditugu, ikuskizunen muntaia, umezain ere aritu gara, aulkiak jartzen ibilitakoak gara... gure lehenengo emanaldia egitera iritsi ginen arte, nahiz eta oraindik ere aulkiak jartzen jarraitzen dugun"aipatu du barre artean Danele Robles Deabruetako kideak. "Kale Antzerki jaialdian zer edo zer egiteko aukera suertatu zitzaigun eta baiezkoa eman genuen egun berean hasi ginen lanean" gaineratu du Roblesek. "Piroteknia eta antzerkiarekin interesa izan zezakeen jendearekin bildu eta Kataluniako Mussols Sokarrats taldearekin harremanetan jarri ginen, Lekeition estreinatu genuen gure lehenengo emanaldia prestatzeko" kontatu digu Hodei Izarrak. Egun hartan bizitakoa egunean bertan bukatzeko penaz, aurrerantzean ere lanean jarraitzeko hautua egin zuen taldeak. Herrian egindako emanaldiak modu berezian gogoratzen dituzte Deabruetako kideek. "Lekeition su artean jolasteko kultura daukagu eta herritarrek kalejira eta emanaldietan gurekin bat egiten dute, Kale Antzerkiak lagatako kultura izango da horren arrazoia" dio Rodriguezek. Apurka-apurka bada ere, emanaldiak errepikatzen dituzten herrietan ere jendea su artean murgiltzen hasita dagoela esan dute baina Euskal Herrian suaren kultura Katalunian moduan errotzeko oraindik lan handia egin beharra dagoela nabarmendu dute. "Mediterraneoan herri ohitura moduan ezagun dute sua, hemen kultura hori orain ezagutu dugu, eta lantzen ari gara baina Kataluniako jendartearekin ez dauka zerikusirik" Roblesen ustez. Kataluniara begira Azken aldian, Euskal Herria herrialde katalanei begira badago ere, lekeitiarrek aspaldi sustraitu zituzten bi herrialdeen arteko harremanak. Harreman berezi horretatik jaio zen Foc ta ke! kataluniarren eta euskaldunen arteko musika eta su ikuskizuna. Bigarrenez herriko Kale Antzerki jaialdian parte hartzeko prestatu zuten, Kataluniako eta Aulestiko K-tum-K batukada taldearekin. "Uda honetan Kataluniara joan eta correfoc ikuskizunik handienean parte hartzeko aukera izan dugu" azaldu du Izarrak. Bizitakoa ahaztezina izan dela kontatu digute, hitzez deskribatu ezina. Bi ikuskizunetan parte hartu dute: herri txiki batean Mussols Sokarrats taldearekin prestatutako Foc ta Ke! saioa egin zuten eta bigarren emanaldia, eta orain arte bizitako bereziena, Garciako correfoc ikuskizunean parte hartzea izan zen. Beste bederatzi talderekin batera, Kataluniako correfoc handienean parte hartzeko aukera izan dute. "Deabruen dantza izan zen hura, erretzeko eguna, nahi adina karretila erre genituen, gozatu ederra hartu genuen egun hartan" azaldu dute. Lanerako gogotsu "Taldekide bakoitzak bere zereginak ditugu, familia, lana… askotan dena uztartzea zaila egiten zaigu, egiten duguna ofizioa baino afizioa delako" azaldu du Roblesek. Ikuskizun asko aurrera ateratzeko zailtasunak izaten dituzte, jende faltagatik gehienetan baina dagoeneko 50 emanaldi eginak dituzte, ez da zenbaki txarra. Egiten dutena gustatzen zaie eta sua bizi dute Deabruek. Horrenbestez, piztutako txispa amatatu ez dadin martxan jarraituko dutela aipatu dute, taldean parte hartzeko ilusioa duen guztiarentzat ateak zabalik dituztela gogoraraziz. Ikuskizun asko aurrera ateratzeko zailtasunak izaten dituzte, jende faltagatik gehienetan baina dagoeneko 50 emanaldi eginak dituzte Hurrengo urtean taldeak bost urte beteko ditu eta hori ospatzeko zerbait handia eta berezia prestatzen ari dira. "Oraindik ez dakigu non izango den ospakizuneko emanaldia baina Lekeitio guretzat plaza berezia da, eta herritarrei bere harrera ona eta parte hartzeko grina eskertzeko modu bat izan daiteke" aipatu du Izarrak. Sua tartean denean… Suarekin jolasten dena erre egiten dela gogoratu digute beti etxeko nagusienek. Lekittoko Deabruek ere ondo ezagutzen dute esaera zaharra. Orain arte izandako istripuak txikiak eta garrantzi bakoak izan dira baina taldeko Rodriguezek udan Katalunian egindako egonaldian begia erre zuen eta sekula ikusi duten su jaialdirik handienean, Garciako correfoc jaialdian, parte hartu barik geratu behar izan zuen.   Istripu txiki edota handiak ekiditea sarritan ezinezkoa izaten dela ohartarazi dute. Hargatik, deabruek ikuskizun guztietan nahi eta nahi ez segurua kontratu behar izaten dute. Sua ezezagun eta arrotza denean… Herri askotan haserreak ere piztu dituzte Deabruek. Lehenengo aldiz bisitatutako herrietan ikusmina, haserrea eta batzuetan txarto ulertuak sortzen direla aipatu dute taldeko kideek. Denetariko erreakzioak ezagutu dituzte Deabruek bost urtetako ibilbidean. "Askok gurekin batera parte hartzen dute ikuskizunean, gurekin batera gozatu egiten dute" azaldu du Roblesek. Baina suarekin beldurtu eta albo batean geratzen direnak ere asko omen dira, hauetako asko beraiekin haserretzeraino. "Jakitun gara ikuskizun berezi bat egiten dugula, batzuei gustatzen zaie eta beste batzuei ez, beti ezin da denen gustua ase".
news
argia-9efbefe321b2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/politika-innobatu-behingoz.html
Politika innobatu behingoz!
I�aki Antiguedad
2016-09-25 00:00:00
Politika innobatu behingoz! Filosofo ospetsu batek honela esan ei zuen: "Geroa ez da gaur lehen izan zena". Esaldi sakona, aldaketak gauzatzeko han-hemengo ezkerrak erakutsi izan duen ezgaitasuna ulertzeko, ezker subirano zalea barne. Gurean, luze, aldaketa politikoa une batean emango zela pentsatu izan da, negoziatu eta segitukoa, di-da. Bai zera, errealitatea gordina da, gauden lekuan gaudela. Hortaz, ezkerrak, era askotako krisiak lagun, erronkak birpentsatu behar ditu bere ispilu aurrean, kanpora begirako erronkei berme eraldatzaileaz eutsi baino lehenago. "Erreforma ala haustura" esaten genuen. Baina geroa ez da izan orduan uste genuena. Nahi dugun hori ez da etorriko di-da bateko hausturaz, urratsez urrats, erreformak tartean, gauzatuz doan prozesu sozio-politiko eraginkorrez baizik. Aldaketek trantsizioa behar dute eta trantsizioek aldeko baldintzak. Continuum batean ari gara, zerotik inoiz ere abiatzen ez garela. Kostatu da hortaz jabetzea, iraganeko inertziak behingoz utzita. Baina hemen gaude, geroari pultsua hartzen. Honetan datza kultura politiko berria, buru zabaltasunean. Politikak, eraginkorra izateko, osoa behar du izan, sozio-politikoa. Eta pragmatikoa, unez une lekuan dagoenetik pasatzen dena; hori bai, norabide argian. Baina kontuz! Pragmatismo oso diferente bi dira. Batzuena mugatua eta mugatzailea, hemengo burujabetza hegoan gertatu daitekeenaren zain jartzen duena, kudeaketan inertziazko kudeatzaile… mugiezin, balizko aldebikoaren esperoan, fededun. Hego-orratzak gidatzen du horien politika, hegoko egoera kaskarra neurri hartuta hemengoaz harropuzteko. Politika 0.0, ahorik ahora darabilten innobazio hori politika eremuan gauzatzeko inolako bokaziorik gabe. "Esperientzia, ez esperimentua" lelopean. Besteon pragmatismoa eraldatzailea da, burujabetzan eta sozio-ekonomian aldi berean ezinbestez, eraldaketak helburu trantsizioak helbide, orain arinago orain geldiago baina beti eraginkor, akordio zabaletan aurrera, ikusmira estrategikoan, helbidea bera ikasteko baliatuz. Behar dugun geroa bihar izan dadin. Iparrorratza eskuan, Euskal Herriak epe motzean iparrean diren herrialdeak hartzeko neurri, eta gerokoak geroko. Politika 4.0, kultura berri batez innobaturik. Gobernantzan ere "esperimentatuz". Denon Herria dokumentuak biltzen dituenak gaur eta hemen gauzatzen hasteko moduko neurriak dira, tartean beste lekuetan esperimentatuak hona ekarrita. Politika 4.0 bidetik, burujabetza sozialean trantsizioak eragiteko, politikaren esparruak zabalduta, kanpokoen esperoan geratu gabe. Kultura politikoa innobatuz behingoz!
news
argia-910368a1b9ce
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/txertoa-asmatu-aurreko-txertoa.html
Txertoa asmatu aurreko txertoa
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-05-17 00:00:00
Txertoa asmatu aurreko txertoa Otomandar Inperioa, 1718. Mary Wortley Montagu britainiar enbaxadorearen emazteak turkiarrek elgorria kontrolpean izateko erabiltzen zuten metodoa idatziz jasotzea erabaki zuen: "Udazkenero, irailean (sic), bero handia arintzen denean, jendeak elkarri mezuak bidaltzen dizkio, senitartekoren bat elgorria harrapatzeko prest ba ote dagoen jakiteko. Horretarako bilerak antolatzen dituzte eta hamabost edo hamasei laguneko taldea biltzen denean, atsoa etortzen da, elgorri mota bikainenez betetako intxaur azala eskuan, eta zer zain irekitzea nahi duzun galdetzen dizu. Eskaintzen diozun zaina urratzen eta zabaltzen du berehala orratz handi batez. Orratzak ez du ohiko harramazka batek baino min handiagorik ematen. Ondoren orratzaren buruan sartzen den adina pozoi jartzen du zaurian, eta maskor zati batez estaltzen du. Modu horretan lauzpabost zauri irekitzen dizkio bakoitzari". Britainiar damak, metodoak harrituta, Ingalaterran ezarri nahi izan zuen. 1721ean Charles Maitland mediku prestigiodunari alabarekin antzeko zerbait egin zezan eskatu zion. Zurrumurrua zabalduz joan zen, eta gorteraino iritsi zen. Errege-etxean ere elgorria prebenitu nahi zuten, baina metodoa lehenago beste batzuekin probatzea erabaki zuten, zer gerta ere. Heriotzara kondenatutako dozena erdi preso erabili zituzten akuri. Arrakasta erabatekoa izan zen, sei presoentzat batez ere: urkamendia saihesteaz gain, handik aurrera elgorritik immunizatuta egon ziren. Emaitza onen ondoren, Jurgi II.a erregearen alaba Karolina printzesari ere tratamendu prebentiboa eman zioten. Beraz, txerto primitibo moduko horrek funtzionatzen zuen, baina ez beti, nahita kutsatutakoen %2 ingururi gaitza gaizkitzen zitzaien eta hil egiten ziren. Ez dakigu halako inokulatzeak egiten noiz hasi ziren Otomandar Inperioan, baina ustez K.a. 200 urte ingurutik antzeko praktikak egiten ziren Asian. Txinan baztanga arina zuten gaixoei pustula lehorrak kentzen zizkieten, xehatu egiten zituzten eta hauts modukoa sudurretik sartzen omen zuten immunizatu nahi zutenek. Eta XVIII. mende amaieran, elgorria baino baztanga zen Europarren kezka nagusia. 1796an Edward Jenner landa-mediku ingelesa konturatu zen esne-biltzaileek tarteka "behi-baztanga" modukoa harrapatzen zutela etengabe animalia horien ondoan egoteagatik, eta horri esker, gero ez zutela ohiko baztangarik harrapatzen. Behi-baztanga Sarah Nelmes abeltzainari hartu eta James Phipps 8 urteko mutikoari sartu zion. Eta, hala, lehen txertoa asmatu zuen. Ofizialki.
news
argia-12ed917a43ed
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/kulturaniztasuna.html
Herri koloretsuen balio erantsia
Mikel Garcia Idiakez
2015-05-17 00:00:00
Herri koloretsuen balio erantsia Hiru herri, hiru eredu. Lasarte-Oria, Getxo eta Barañainera jo dugu, kulturaniztasuna kudeatzeko martxan dituzten proiektuak eta emandako fruituak ezagutzeko asmoz. Hezkuntza funtsezkoa dela jakitun, Gasteizko eskolaren esperientzia ere kontatu digu Amelia Barquín irakasle eta gurasoak. 18.000 biztanle ditu Lasarte-Oriak eta herritik kanpo jaiotako lagun gehien dituen Gipuzkoako herria da. Bi olaturen emaitza da batez ere: 60-70eko hamarkadetan industriak Espainia aldetik erakarritakoak batetik (hiru fabrika handi zituen herriak) eta 2000. urtearen bueltan Nikaragua ingurutik gerturatutakoak bestetik. Herritik kanpo jaiotakoak dira bizilagunen %44, eta argi du alkateak: "Lasarte-Orian 70 jatorritako jendea bizi da, baina jatorria ez da irizpide, denak gara lasartear eta harro gaude aniztasun horretaz". Diagnostikoa egitea izan zen lehen urratsa: Aztiker ikergunearen laguntzaz, 2011n azterketa kuantitatiboa burutu zuten eta 2012an kualitatiboa, aniztasunaz eta elkarbizitzaz herrian zegoen pertzepzioa neurtzeko. Batzuen eta besteen artean indiferentzia nagusi zela ikusi zuten, elkarren artean ez zegoela harremanik eta komunitate itxietan bizi zirela. Komunitate itxietatik irekietara igarotzeko, elkar ezagutza sustatu behar zela ondorioztatu eta herriko leloa aldatzetik hasi ziren, kultura ezberdinak balorean jarri behar zirela sinetsita: Lasarte-Oria guztiona. "Immigrazioa arazo sozial gisa hartu beharrean aberastasun bezala ikustea, hori izan zen abiapuntua", kontatu digu Gorka Lizarraga Lasarte-Oriako Gizarte zinegotziak. Lasarte-Orian, Anitzen Sarea Hasieratik, herrian dagoeneko martxan zeuden elkarteekin egin dute lan, horiek direlako herriko bizitza dinamizatzen eta parte-hartzea bultzatzen dutenak. Etorkinen elkarteekin, baina baita euskara, kultur, kirol, auzo… elkarteekin ere. Denak inplikatu dira, eta Anitzen Sarea sortu dute horrela. Elkarlanean Anitzen Astea, Elkar Ezagutzen ekimena, Ongi Etorri Bideoklipa eta halakoak burutu dituzte, eta gaur egun modu naturalean dituzte hartu-emanak batzuek eta besteek: Rocío jaia ospatu nahi duela Semblante Andaluz elkarteak? Bada, Kukuka Dantza Elkartekoak, nigeriar, nikaraguar, perutar dantza taldekoak eta gainerakoak deituko ditu, horiek ere parte har dezaten. Ttakun Kultur Elkarteak ere batzuen eta besteen parte-hartzea bilatzen du Santa Ana Eguneko parodian, eskolako gurasoek euren artean antolatu dute Aniztasunaren Astea… "Elkarteek beraiek euren ekintzetan aniztasuna presente izatea da gakoa eta Anitzen Sareak hori lortu du, ez genuelako elkar ezagutzen, eta herri berean bizi ginen! Herrian gauzak egiten zituzten elkarteak ziren, baina bakoitzak bere aldetik. Kontua ez da gainera bertakoen eta kanpoan jaiotakoen arteko elkar ezagutza, denen artekoa baizik: denak gara hemengoak, bakoitza bere jatorri, balore eta motxilarekin, bere aberastasunarekin. Eta elkar ezagutzeak ere ekartzen du elkar ulertzea", azaldu du Gorka Lizarragak. Lanketa ez da beraz taldeka egiten, ghettoak sortzeko arriskua dagoelako; helburua da herrian zernahi egiten dela euskaldunak, nigeriarrak, sahararrak, andaluziarrak… aintzat hartzea. Berdin euskararekin: egiten diren ekintzetan euskara sustatzea eta erabiltzea da xedeetako bat, eta horretan lan handia egiten dute, adibidez, Anitzen Sarean dauden Ttakunek eta Banaiz Bagara euskara elkarteak. "Mugarri baino, euskara batzeko izan dadila nahi dugulako. Baina guk ez ditugu euskara ikastaro doakoak eskainiko kanpotik etorritakoarentzat, baizik eta herritar guztientzat, batez ere euskaldundu gabeko jendea ez delako bakarrik orain atzerritik etorri dena", dio Lizarragak. Herriko ume denak D ereduan matrikulatuta egotea ere lagungarria da. Bi ikastetxe daude, biak publikoak, eta atzerritarren seme-alaba kopurua oso ezberdina da batean eta bestean. "Aurrerantzean heldu beharreko gaia izango da", aitortu du zinegotziak. Hiru hilean behin, erroldatu berriek bilera egiten dute alkatearekin (datuek diote 700 bat lagun iristen direla urtero herrira, inguruetatik lekuz aldatuta). Elkarteak gonbidatzen dituzte bilerara eta batez ere iritsi berriek dituzten zalantzak eta kezkak argitzeko balio du. Getxon, bizilagunak bazkari baten bueltan Getxok 80.000 biztanle ditu eta %6,8 inguru atzerrian jaioak dira (EAEko batez bestekoan dago, gutxi gorabehera). Latinoamerikatik iritsitakoak dira gehienbat, erdia baino gehiago emakumeak, eta zahar eta haurren zaintzarekin edo etxeko lanekin lotutako enpleguetan ari dira. Emakume kopurua eta bizi ohi duten egoera zaila kontuan hartuta, haiei bideratutako tailerrak antolatzen ditu Udalak, emakume hauen ahalduntzean laguntzeko asmoz. Elkarbizitzara bideratutako ekimen zehatzak ditu Getxok. Duela urte batzuk, esaterako, Getxon eta Getxotik kanpo jaiotakoen parte-hartzearekin, identitate ugariren bizi-istorioz osatutako errelato partekatua eraiki zuten. Lekukotzak grabatu eta 10 minutuko dokumentala egin zuten, denen artean. Azken finean, datuek erakusten dute migratzaile gehiago bizi den lekuetan atzerritarrenganako jarrera ezkorra txikiagoa dela –hots, zenbat eta gehiago elkar ezagutu, orduan eta mesfidantza gutxiago–. Bide horretan, Bizilagunak egitasmoa jarri zuten martxan duela bi urte, Egizu Getxo Euskaldun elkarteak sustatuta. Auzo berean bizi arren elkar ezagutzen ez dutenak harremanetan jartzeko asmoz, bizpahiru familia (indibidualki ere har dezakete parte) haietako baten etxean elkartzen dira, bazkaltzeko eta tertulian aritzeko. Dinamizatzaile baten laguntzaz, hizkuntzaz, herriminaz, kulturaz, norberaren esperientziaz… hitz egiten dute, "eta hori guztia bizi duenak berak kontatzea, haren ahotik entzutea garrantzitsua da", azpimarratu du Elena Coria Getxoko Gizarte Zerbitzuen zinegotziak, diskurtso handiak baino eraginkorragoak direlako pertsonak. Aurreikuspenak gainditu ditu ekimenak: lehenengo urtean, 2013an, 20 bat familiak eman zuten izena eta 2014an 30 inguruk: 130 lagun, 15 etxetan banatuta. Zurrumurrurik Ez proiektuak hiru urte daramatza martxan. Zurrumurruen Aurkako Agenteak dituzte, 25 bat herritar (15 egonkor). Aurreiritzi ohikoenak indarrik gabe uzteko lagungarri zaien prestakuntza jasotzen dute (argudio eta datuak) eta euren eguneroko bizitzan eragitea da asmoa, ingurukoak gogoetara bultzatzea hainbestetan errepikatzeagatik egia diruditen baieztapen funsgabeak auzitan jar ditzaten, eta elur-bola efektu bidez aniztasunaren diskurtsoa pixkanaka zabaltzen joan dadin. Lasarte-Orian bezala, ekimen hauek guztiak herriko elkarteekin batera lantzea oinarrizkotzat dute Getxon ere. "Folklorea sustatzea ongi dago, baina Etorkinaren Nazioarteko Eguna eta halakoak ospatzea ez da aski, sentsibilizaziotik harago errealitate sozioekonomikoa aintzat hartzea ere beharrezkoa da", diosku Coriak. Tokiko ekonomia eta garapen politiken baitan, adibidez, negozioren bat abiatu nahi duten etorkinekin lanketa berezia egiten da, "sarri kanpotik datorrenak traba erantsiak dituelako: nola kontratatu, zein laguntza jasotzeko eskubidea duen, izapide burokratikoak nola egin… azaltzen zaio", eta horretarako Deli proiektua du Getxok. Euskara ikasteko plangintzak, Lasarte-Orian bezalatsu, herritar guztiei daude zuzenduta. Hori bai, iritsi berriei egiten zaien harrera programan euskararen oinarrizko ezagutzarako ikastaroak eskaintzen dira. Getxoko datuen arabera, guraso atzerritarrak dituzten ikasleen erdia A ereduan dago matrikulatuta (gaztelania oinarri duen ereduan). Aldiz, beheko mailetan B eta D eredua dira nagusi, eta Haur Hezkuntzan %70ak D eredua hautatzen du; bigarren belaunaldiek euskararen alde egiten duten seinale, Coriak azpimarratu nahi izan duenez. Barañainen, formazioa lagungarri 20.458 biztanle ditu Barañainek, horietatik 2.003 espainiar ez beste nazionalitate batekoak. Alegia, %9,8, Nafarroako batez bestekoa goiti-beheiti. Latinoamerikarrak dira gehienak, eta errumaniar eta bulgariarrak ere ugari dira. Gizarte Zerbitzuen sailaz gain, Immigrazio Zerbitzua dute Barañainen, eta ailegatu berriei izapideekin, erregulazio prozesuarekin, ikasketa tituluen baliozkotzearekin, hizkuntza eta kultur kontuekin… laguntzen zaie. Behar izanez gero, aholkularitza psikologikoa eta juridikoa ere eskaintzen dute. Enplegua lortzeko erraztasunak emate aldera, formazio ikastaroetan leku batzuk beti gordetzen dira atzerritik etorritakoentzat, "ez atzerritar izateagatik, baizik eta ahultasun egoera handiagoan egon daitezkeelako, sare familiarraren babesa ere txikiagoa da kasu askotan", argitu du Karmele Irisarri Immigrazio teknikariak. Supermerkatu, denda eta enpresekin elkarlanean ikastaroak ematen dituzte, gero horietan praktikak egin eta kontrataziorako aukerak zabaltzeko. Eta bestelako formazioa ere jasotzen dute herrian, kulturaniztasunari erantzuteko. Adibidez, hezkuntza eta osasun arloko langileek iaz nesken mutilazio genitalari buruzko jardunaldiak izan zituzten, etorkizunean kasuren bat izanez gero nola jokatu jakiteko. Kohesio soziala indartzeko berriz, hilero jaioterri ezberdin bateko bizilagun bati elkarrizketa egiten zaio herriko egunkarian, herrialde hartaz hitz egin dezan, bere esperientziaz… Eta topiko faltsuak desmuntatzeko artikuluak ere argitaratzen dituzte egunkarian. Lasarte-Orian eta Getxon bezala, herriko bizitzan parte-hartze anitza bultzatzea eta areagotzea da xedeetako bat. "Oinarria da herritarrek dituzten beharren arabera sortutako ekimen eta elkarteetan mota guztietako jendeak hartzea parte, behar hori izan dadila elkartuko dituena, jatorriaren araberako konpartimentu artifizialak eratu ordez", nabarmendu du Irisarrik. Gazteenak buruan, urte pare bat daramatzate giza eskubideei buruzko unitate didaktikoa jorratzen herriko ikastetxean, eta aniztasuna oso presente dago lanketa horretan; tartean, ipuin kontaketa kulturanitzak egiten dituzte. Argi dute elkarrizketatuek: elkar ezagutzea, aitortzea eta ulertzea, elkarbizitza bera, da kohesio sozialerako berme handiena.
news
argia-5b45bb15deb0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/argiaren-alaba.html
Jostuna klasikoak harilkatzen
Amaia Alvarez Uria
2015-05-17 00:00:00
Jostuna klasikoak harilkatzen Argiaren alaba Yolanda Arrieta Autoedizioa, 2014 Argiaren alaba izeneko liburuan Bizenta Mogel Elgezabal euskal idazlearen bizitzara hurbiltzeko proposamena egiten digu Yolanda Arrietak. Datu errealetatik abiatu eta fikzioaren bidez egiten da klasiko honen berrirakurketa. Amaia izekoak eta Mirari ilobak idazlearen inguruan egingo duten ikerketa pausoz pauso jarraituko dugu testuan. Jostein Gaarder-en Sofiaren mundua eredu hartuta XIX. mendeko idazlearen bizimodua aurkeztu eta girotzen du. Markinan hasi eta Bilboko Abandon amaituko da egile honen ibilbidearen eraikuntza, eta datu antropologiko-historiko-psikologiko-biografikoak josiko dituzte protagonistok idazle klasikoa bere testuinguruan irudikatzeko. Egindako ikerketaz eta sortutako fikzioaz gain, idazle honen inguruan egindako "hitzaldi-tailer-performancea" aurkeztuko digu Arrietak liburuaren amaieran, 10 kutxarekin eta irudimena lagun, dekalogo bat osatu zuten ikasleek. Aipatutako kutxetan ikasleek, besteak beste, kriseilua, abarkak, luma, tinta, txirikorda, ziba, bisturia, errosarioa, sendabelarrak eta bertso paperak aurkituko dituzte. 1782an jaio zen Mogel Azkoitian eta Bilboko Abandon hil 1854an. 1804an argitaratutako Ipui onac lanagatik da ezaguna, nahiz eta ez zen izan idatzi zuen bakarra. Arrietak Argiaren alaba deitu dio,  Ilustrazioa eta arrazoia euskal tradizioarekin uztartu nahi izan zituelako, "euskara eta ohitura onetan zentratu zela" esanez. Era berean, "ohiko ereduen gainetik jokatzen jakin zuen" Arrietaren hitzetan, eta "barne espazio propioa eraiki zuen bere garaiko kumea" izan zen. Arrietaren ustetan bi izan ziren bere ekarpenak, bata "haurrak eta alfabetatu gabeak (nekazariak) euskaraz hezteko eta hazteko lehen material pedagogikoa sortu izana", eta bestea, "euskararen kategoria altxatu izana ahozko txiste hutsetik papereko hizkuntza klasikoen parera". Honez gain, ondoren argitaratu ziren alegi bildumen erreferentzia izan zela diosku, eta euskal haur eta gazte literaturaren aitzindaria dela. XIX. mendean ez zen ohikoa emakume idazleak egotea, eta horretaz kontziente izan zen Mogel, bere hitzaurre gogoangarrian adierazi zuen bezala; eta Yolanda Arrietaren lan honi esker, bere bizitza nolakoa izan zen imajinatu dezakegu, ikerketa horren ondorioz jasotako datuak josi dizkigulako, Jostorratza eta haria lanean egin zuen antzera. Berak dioen moduan "tradizioa, historia bezalaxe, ezer izango bada, etenik gabe, astindu, aztertu eta berregin beharreko zerbait bizia delako". Hemen duzue bada, lehen euskal emakume idazlearengana fikzioaren bidez hurbiltzeko gonbitea.
news
argia-0a2af5b16782
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/intimitatearen-hizkera-politikoa.html
Intimitatearen hizkera politikoa
Gorka Bereziartua Mitxelena
2015-05-17 00:00:00
Intimitatearen hizkera politikoa Itxaronaldia luzea egingo zitzaien Anariren jarraitzaileei, 2009ko Irla izan hartatik kanta berririk argitaratu gabe zegoen, ez ordea geldirik. Urte hauetan publikatuak ditu Bidea eta denbora zuzeneko diskoa eta parte hartu du erreferentziazko hiru omenaldi-diskotan. Mikel Laboa zenari eskainitako Txinaurriak binilo bikoitzean laino elektrikotan bildutako Aintzinako bihotz sinatu zuen; Imanol Urbietari eskainitako Bakarrik eta libre rako Gitarra bat en bertsioa eskaini zigun haurren ahotsez inguratuta; eta iaz publikatutako Lou Reed, mila esker lanaren azkenaurreko piezak ere bere marka dauka. Nagusiki Irla izan eko errepertorioa oinarrituta zuzenean aritu den urteotan publiko berria inguratu zaio Anarik berak telefonoaren beste aldetik aitortzen duenez. Eta entzuleen gosea sumatzen zen Zure aurrekari penalak aurkeztu aurretik: aurre-salmenta bidez eskatutako diskoak etxeetara iritsi ahala hasi dira iruzkinak agertzen sare sozialetan. Joan den ostegunean aurkeztutako diskoaren tituluaz galdezka hasi gara hizketan, aurreko lanetan baino izenburu konkretuagoa zergatik hautatu duen galdetuz. "Intentzioa badauka. Ez da titulu erraza, badu jolasetik ere, diskoko kantu batek azaltzen du. Nahi izan dut beste idazketa bat landu, gauza berdinez beste hitz batzuekin kantatzeko. Ez naiz bat-batean kantu sozialak egiten hasi, baina hitz batzuk bai hartu ditudala eremu horretatik". Nolabait esateko, egunkariaren lehenbiziko erdiko hizkera hartu eta bigarren erdira eraman nahi izan duela esplikatu du. Ideia horrekin kantak egiten ari zela argitaratu zen Jose Luis Otamendiren Kapital publikoa poema liburua eta Anarik sumatu du asmoan halako kidetasun bat. "Ez naiz urrutitik ere konparatuko Oto rekin noski", egin du ñabardura, Azpeitiko idazleari dion begirunea azpimarratzearekin batera, "baina bide beretik abiatu ginela iruditu zitzaidan". Disko berriko hitzek polisemia-joko ugari dutela dio, prentsako idazkerak ustekabean eskaintzen dituen figura literarioak baliatu dituela. Grabazio prozesu luzearen ondoren argitaratu da Zure aurrekari penalak : aurreko diskoak 15-20 egunean erregistratu zituzten, oraingoan aldiz "gehiegi ere" luzatu direla uste du azkoitiarrak, estudioan zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta buelta gehiago ematen zaizkiela gauzei. Ifrentzua badu luzatze horrek, berrikusteko denbora gehiago hartu dutela. "Azkenean disko bat da egin nahi duzuna, lortzen ez duzuna… dena. Horrela behar zuen". Anariren ohiko taldeaz gain –Borja Iglesias, Mikel Abrego, Xabier Olazabal Drake eta Mariano Hurtado–, hainbat kolaboratzaile izan ditu diskoak: Eneko Burzako Moby Dick , Lisaböko Javi Manterola eta Karlos Osinaga Txap –soinu teknikaria ere bera izan da–, Napoka Iriako Ander Mujika eta Audienceko Ager Insunza, besteak beste. Ekipo ona aurten musikazale gehienek zerrendan apuntatuta zeukaten nobedadearentzat.
news
argia-8e9b533dcd3f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/alda-facio.html
"Feminismoak bizitza salbatu dit"
Sustrai Colina
2015-05-17 00:00:00
"Feminismoak bizitza salbatu dit" "... gehiegi luzatzen diren salbuespen egoeratarako emergentziazko planak". New York. 1960ko hamarkada bukaera. Emakumeen eskubideen aldeko manifestazioak. Zu. Mugimendu sineskor bezain idealista bateko kide apasionatua nintzen eta mundua aldatzera gindoazen. Ez ginen haize-alde ari, erakunde askok gutxiesten gintuzten, eraikuntzako langileek jipoitzen... Baina aferak aurrera soilik egin zezakeelakoan geunden. Azken hamarkadek, ordea, atzeraldiak mehatxuka dauzkagula irakatsi digute, gutxi behar dela lorpenak komunetik behera botatzeko. Zentzu horretan, orduko feminismoa argiagoa zen, gardenagoa. Mugimenduentzako oinarrizko lanabesak izango ziren feminismoen teorien azterketa eta transmisioa genituen xede, ez egileek bakarrik ulertzen dituzten egungo ikerketa elitistak. Hanka-sartzea izan da teoria hari mataza askagaitz bihurtzeraino akademizatzea. Edozein emakumek, unibertsitatea inoiz zapaldu ez duten etxeko andreek barne, euren bizitzetan gertatzen ari dena ulertu eta aldatzeko giltzak ematen dituzten lanak behar ditugu.   Giltzak atea zabaldu eta aurrera egiteko dira, motorra martxan jarri eta abiatzeko. Oraindik ez gaude aurrerapausoen garaian, "atzera pausorik ez!" aroan baizik. Are gehiago, egiteke hainbeste edukita ia ezinezkoak dira atzerapausoak. Zinez arriskutsutzat gauzkatenean etorriko dira erasoak eta atzeraldiak. Orain arte ez gara inorentzat arriskutsuak izan. Orain aldiz, NBEn estatu batzuek argi eta garbi esaten dute ez dutela gizon-emakumeen arteko berdintasunean sinesten, emakumeek gizonezkoen meneko behar dutela. Gero eta estatu gehiagok azpimarratzen dute pertsona batek agindu behar duela familian, pertsona batek komunitatean, pertsona batek herrian, pertsona batek estatuan... Eta pertsona batek diotenean uler bedi gizon batek. Orain gutxi leporatu zidan Pakistango enbaxadoreak emakumeen aurkako indarkeria feministon asmakizuna zela gizonezkoek jendartean duten posizioa ahultzeko. Orain arte ez zen inor halakorik iradokitzera ausartzen. Orain bai. Zergatik? Arriskutsutzat gauzkatelako eta arriskuak gure baitan gordetzen diren egia mingarrienak azaleratzen dituelako.    Azaleratu liteke jendarte feminista bat kapitalismoaren baitan? Kapitalismoa patriarkatuaren seme nagusia den heinean, ez. Patriarkaturik gabeko kapitalismoa ezinezkoa denez, kapitalismoaren eta feminismoaren baloreak kontrajarriak dira. Patriarkatua da munduko lehen dominazio mota. Hala, gizaki batzuk beste batzuen gainetik jaiotzen dira eta euren nagusitasuna bermatzeko sortzen dituzte egitura zein lege guztiak. Hortik datoz gainontzeko desberdintasun guztiak: klase sozialetan oinarrituak, azal kolorearen araberakoak, sexualitateari loturikoak... Gauzak zer diren, kapitalismoaren teorian emakumeok ez gara existitzen, baina patriarkatua bezain sistema anker eta sotila ezingo litzateke mantendu botere guneetan emakumeen inolako presentziarik ez balego. Emakumeek botererik ez dutela edo boterera heltzeko direnak eta bi egin behar dituztela salatzen baduzu, Merkel, Lagarde eta abarren adibideekin jotzen dizute zaplaztekoa.    Hatzarekin ilargia seinalatu eta batzuek hatza ikusiko dute beti. Ez dutelako ilargia ikusi nahi! Emakumeek patriarkatuaren baitan dituzten botereak oso gaiztoak dira. Esaterako, amaren boterea. Ama da haurrei kultura transmititzen diena, eta ondorioz, bere buruari harrika eginez, patriarkatua transmititzen duena. Botereak ez dio patriarkala izateari uzten emakumeen esku egoteagatik. Begira Indian, emakume asko eta asko euren amaginarrebek dituzte erailtzen. Ez dute euren mesedetan egiten, ordea, euren semeen alde baizik. Zeharo manipulatzailea baita patriarkatua, emakumeenganako epai irizpide zorrotzagoak inposatzeko bezain ankerra. Costa Rican emakume bat izan genuen lehendakari. Historiako desastre handiena zela zioen jendeak. Egia da desastre bat zela, neoliberal hutsa, baina bere aurrekoak eta aurrekoaren aurrekoak egin zutena egin zuen, ez gehiago, ez gutxiago. Gizonezko agintari bat zitala eta zikoitza izan daitekeela onartuta daukagu, emakume agintari zital eta zikoitza historiako desastre handiena da.   Giza-harremanak, jendarte antolaketa, hizkuntza auziak... Dena da boterea? Botere harremanak daude gaitz guztien oinarrian. Hala, botere harremanak aztertu eta ulertzea ez da sare bat nola ehuntzen den ikertzea soilik, nork eta noren mesedetan saretzen duen agerraraztea baizik. Gaia zentzuz lantzen duen edonor jabetuko da gero eta boteretsu gutxiago dagoela gero eta botere gehiagorekin. Esaterako, Carlos Slim enpresariak nire herrialdeak baino diru gehiago du. Ondorioz, berak erabakitzen du zer egin daitekeen eta zer ez, zer den garrantzitsua, zerk duen lehentasuna, zer inportatu daitekeen,nolako lan baldintzak behar diren... Gizon horrek demokraziaren itxura guztiak zainduko ditu, baina nirea bezalako herrialde txikietan doministiku batekin alda dezake legea. Okerrena da miretsia dela, jende xeheak gurtua, eta aurpegia garbitzeko fundazio bati limosna ematea aski du heroi bihurtzeko. Horretaraino erotu da mundua. Nola uler daiteke, bestela, norbanako baten aberastasunak mugarik ez izatea? Pertsona batek legez ez luke hein batetik gorako dirutzarik ukan behar. Hori azaltzean, alta, ikasleak asaldatu egiten zaizkit, erotuta dagoena ni naizela diote. Nolakoa litzateke mundua emakumeek pentsatua balitz? Oso ezberdin ikusten da mundua noizbait norbait zaintzea tokatu bazaizu. Mundu patriarkatuan monumentuak egiten zaizkie gerran hil direnei, baina ez etorkizuneko belaunaldiak bizirik mantendu dituztenei. Horregatik, ziur nago mundua emakumeen esku utzi balitz, zaintza baloratuagoa eta oinarrizkoagoa izango litzatekeela denon bizitzetan. Orain arte asko arduratu gara produkzio materialaz, baina oso gutxi erreprodukzio humanoaz. Oraindik orain, haur bat ekarri eta hezteak parentesia edo eten bat suposatzen du askorentzat. Are okerrago, patriarkatu kapitalista honek zaintza lana tuntunen lana dela sinetsarazi digu, garrantzitsua karrera bat atera, dirua irabazi eta gailu elektroniko andana edukitzea dela. Hori ezin da legeekin soilik aldatu, mentalitate eta jarrera aldaketa behar da. Jakina da lapitzak ez duela nobela idazten, baina arkatzik gabe ez dago nobelarik. Erabili beharreko lanabesak dira legeak, zapaltzaileak diren neurri berean izan baitaitezke askatzaileak.    Diskriminazio positiboaz ari zara? Hainbesteko desberdintasunak ez dira berez berdintzen, kanpotik eragin beharra dago. Esaterako, Amerikako Estatu Batuetan, diskriminazio positiborik gabe ez legoke zurien eta beltzen arteko berdintasunik. Diskriminazio positiboak berdintasuna azkartu egiten du, bidea sasiz garbitu. Arazoa da diskriminazio positiboak posizio pribilegiatuan edo boterean daudenen aurkako neurriak direla sinetsaraztea lortu duela sistemak. Costa Rican, 1982an, kongresuaren %50a emakumezkoa izan zedin kuotak exijitzen hasi ginenean, "dena nahi duzue!" leporatzen ziguten. "Dena ez, erdia bakarrik" erantzuten nuen nik, baina dena edukitzera ohituta dagoenari erdia laga beharra dena uztea iruditzen zaio. Nola ulerrarazten zaio gizonezko bati egin dezakeen onena bere lekua uztea dela? Berdintasunean zinez sinestea pribilejioak askatzea da, munduarentzat hobea dena zuretzat ere hobea dela jabetzea. Berdintasun ezak indarkeria dakar. Eta gizon-emakumeen arteko berdintasun ezak genero indarkeria. Misoginia dagoeno, batzuen biziak besteenak baino gehiago balio dueno, ez dago miraririk. Noren heriotzekin zabaltzen dira albistegiak? Zergatik dira batzuen heriotzak beti hamabosgarren albiste? 50 shades of Grey filmean erotizatzeraino naturalizatzen da indarkeria. Kasualitatea, lege batzuek biolentzia debekatzen eta zigortzen dutenean bihurtu da erotikoa indarkeria. Patriarkatua etengabe moldatzen da egoera berrietara. Legeek traba egiten diotela? Indarkeria kamuflatzen saiatzen da emakumeek txartzat har ez dezaten. Zenbat aldiz entzuten da "maite nauelako jotzen nau"? Patriarkatuak ez ditu alferrik 7.000 urte. Badaki azalberritzen, badaki dena aldatzen denak berdin jarrai dezan. Emakumearen biziak, ikusmoldeak eta ekintzak gutxiago balio dutela da aldatzen ez den bakarra. Horregatik ez dute legeek sekula emakumea behar bezala babesten. Horregatik eragin behar da heziketan eta kultura aldaketan.   Behetik gora etorriko da aldaketa? Aldaketa emango bada, behetik gorakoek eta goitik beherakoek norabide berean bultza behar dute. Printzipioz, ideala litzateke aldaketa behetik gorakoa izatea, baina horretarako erakundeek emakume mugimenduak sustatu eta babestu behar dituzte. Esaterako, erakundeei dagokie hedabideei belarritik tiratzea gaia serio landuz estereotipoetatik harago irits daitezen. Noiz ohartuko dira estereotipo horiek direla emakumeen aurkako bortxaren eragile? Adierazpen askatasunaren aurka biraoka aritzea leporatuko didate, baina noiztik da adierazpen askatasuna bizia bera baino garrantzitsuagoa? Zenbat negozio eredu ezkutatzen da adierazpen askatasunaren mozorropean? Noren buruan sartzen da herrialde gehienetako indarkeria matxistari buruzko artikuluetan erruaren zati bat emakumeari egoztea? Horrelako ereduekin ez da harritzekoa jendea "emakume" edo "feminismo" hitzekin berehala enpatxatzea. Dena begi androzentristetatik ikustera ohitu denari, gai hauetan sakontzeak, ezagutzen ez duenari buruz irakurtzeak suposatzen dion nagia eragiten dio. Nik, ordea, patriarkatua desagertzen den egunean soilik utziko diot feminismoaz hitz egiteari. Patriarkatuak emakumeak hiltzen eta zapaltzen ditueno, eta gizonezko askoren bizitza izorratzen dueno, ez dago bakerik. Justiziari generoaren betaurrekoekin so eginez ikusten da bakea? Generoaren betaurrekoekin ez da gizon-emakumeen arteko tratu ezberdintasuna soilik ikusten, gizakiaren molde dominatzaileetan ez daudenen aldeko justizia baizik. Noiz pentsatuko du justiziak burokrazia kontuak egitera doanari haurtzaindegia eskaini behar diola? Huskeria dirudi, baina haurra non utzi ez badu, nola jarriko du salaketa emakume batek? Gauza bera legeekin. Oraintsu arte legeek ez zioten deus emakumeen aurkako indarkeriaz, biktimek ez zuten zeresanik auzian. Zergatik? Legeak gizonezkoek egiten zituztelako! Sekulako borroken ondorioz aurrerapausoak eman dira, baina hala ere, oraindik ez daukagu lege idealik, denek dute arrasto androzentrista bat. Horri aurre egiteko ezinbestekoa da emakumeon ahalduntzea. Alabaina, ahalduntzea ez da helburu bat, bide bat baizik. Eskubide baten alde borrokatzeak ahalduntzen gaitu, eskubide hori mantentzeak ahalduntzen gaitu, gure bizitzari buruz guk geuk erabakitzeak ahalduntzen gaitu. Ahalduntzea emakumeon baitako arnas bat da, ez zerutik datorren ezer.   Arnasa ahalduntzeko, feminismoaz hitz egin beharrean ez al litzateke feminismoez aritu behar? Inork ez dezala pentsa feminista guztiok sinesmen berak ditugunik, arazoari irtenbide berdinak aurreikusten dizkiogunik. Bereizketarik ezak argi eta garbi frogatzen du gure jatorri, kultura eta mundu ikuskera ezberdinak ez direla aintzat hartzen, ez gauzkatela gizaki bakantzat, oraindik ere 25 emakume 50 titi garela. Arazoa da alde guztietatik garela galtzaile. Gure arteko diferentziak azpimarratuz gero gure artean ezin garela ados jarri nabarmentzen da, eta denak berdin agertuta gure aniztasunari egiten diogu uko. Horregatik da ezinbestekoa iparra ez galtzea, nondik gatozen eta nora goazen argi izatea. Orain urte batzuk nire hitzaldietan aho zabalka egunkaria irakurtzen egoten zirenak kongresuetan adi-adi dauzkat orain, arrazoizko argumentuez gain lehen ez genituen argumentu juridikoak ditugu alde... Feminismoa ez da gauetik goizerako iraultza, baina niri bizitza salbatu dit.
news
argia-a2757f6fe6c2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/estatuaren-biolentzia-eta-jaurlaritza.html
Estatuaren biolentzia eta Jaurlaritza
Xabier Letona
2015-05-17 00:00:00
Estatuaren biolentzia eta Jaurlaritza Segikoak izatea leporatu zaie Ibon Esteban, Xabat Moran, Marina Sagastizabal, Bergoi Madernaz, Igarki Robles, Ainhoa Villaverde eta Aiala Zaldibarri. Horrexegatik 6 urteko espetxe zigorra jarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak. Har dezagun, bat hartzeagatik, Igarki Robles gaztearen kasua eta ikus dezagun zergatik zigortu duten, pegatina gora pegatina behera, beste 5 kasuak berdinak dira eta. Epaiaren 58-62 orrialdeetan deskribatzen dira bere maltzurkeriak. Epailearen aurrean Roblesek ukatu egiten duen Segikoa dela, baina epaiak frogatutzat ematen du baietz. Zergatik? Hiru froga nagusi aipatzen dira: a) Ainhoa Villaverdek hala esan zuen poliziaren aurrean, nahiz eta epailearen aurrean ez zuen halakorik berretsi. b) Ikoitz Arresek ere hala esan zuen, baina epailearen aurrean tratu txarrak salatu zituen. c) Roblesen etxean honakoak aurkitu ziren: Segiren firma eta anagrama duten hiru kamiseta eta lau sudadera; "Goazen independentzia eta sozialismora! Maiatzak 1 Gazteok kalera" leloa duen Segiko kartela"; "Zuekin gaude. Gudari Eguna 2010" leloa daraman Segiko kartela; "Gazteok etorkizuna gure eskuetan hartuko dugu. Martxoaren 24an Borroka Eguna" leloa daraman Jarrairen pegatina; Lezon izandako Gazte Egunean parte-hartzeko pultsera; "Jarrairen 20 urte" pegatina; ETAren hiru pegatina; Segiko pegatina; Jarraiko pegatina; eta Batasunako  euro 1eko bono bat. Hori da guztia. Punto. Eta horrexegatik Igarki Roblesek sei urte igaro beharko ditu espetxean. 2000. hamarkadako Estatuaren ilegalizazio sukarra ezagutu ez duen edozeini zerrenda arriskutsu horregatik norbaitek espetxean sei urte pasa dezakeela esanez gero "baina zoratuta zaude ala?", esango luke inongo zalantzarik gabe. Halakoak estatu autoritario batean bakarrik gerta litezke, ETAren ondorena gorrotoa eta mendekutik bakarrik irudika dezakeen estatuan. Baina hori guztia ezaguna da eta, zoritxarrekoa bada ere, espero liteke. Iazko udan Auzitegi Nazionaleko beste epaimahai batek ia kalkatuak diren arrazoiekin 40 gazte absolbitu zituen, gazteen tortura salaketak aintzat hartu zituelako, poliziaren aurrean bakarrik jasotako deklarazioak baliogabetuz. Orain, Auzitegi Nazionaleko Angela Murillo magistratu ezagunak gidatutako epaimahaiak, froga ia berdintsuekin 7 lagun espetxera bidaliko ditu sei urtez. Hau ere ezaguna da, inork ez daki Auzitegi Nazionala nondik aterako den, baina espero liteke. Espero liteke baita ere PPko bozeramaileek zigorrak txalotzea. PSEren eledunek berdintsu jokatzea ere ulergarria da, azkenean, zigorren sustraiak PPk eta PSOEk ereindako ilegazizazioa baitira. Berdin uler liteke, aldiz, EAJ eta honek zuzentzen dituen instituzioetatik ere isiltasunarekin erantzutea eta zerbait esanez gero ahapeka jardutea? Ez, hori ez da hain ulergarria, ez giza eskubideen urraketaren ikuspegitik ezta gatazkaren ondorioak konpontzeari begira ere. ETAren biolentzia bukatu zen, baina Estatuarena ez eta halako epaiak –egungo gainerako makroauzietako zigorrak bezala– biolentzia dira, zuzenbide estatuaren mozorroarekin emanak badira ere. Jaurlaritzak bakea hiru oinarri nagusiren ikuspegitik jorratzen du batez ere: bat, iraganeko biolentziak; bi, egungo harreman politikoen normalizazioa eta bizikidetza; hiru, etorkizuneko hezkuntza eta bakearen kultura. Hirurak dira egokiak, logikoak eta sustatzeko modukoak. Baina printzipio nagusietan hanka-motz dago, Estatuak egun praktikatzen duen biolentziari ez diolako behar adinako garrantzirik ematen, eta hor sar daitezke makroauziak, presoen urruntze eta sakabanaketa edo, esaterako, presoen abokatuen aurkako polizia operazioak. Espainiako Justiziak eman izanagatik, epai hauek ez dute injustizia izaera galtzen eta Jaurlaritzak sinesgarritasuna nahi badu, beste tinkotasun batekin erantzun beharko lieke Angela Murilloren epaiarena modukoei. Gizartearen zati garrantzitsua aktiboa da halakoen salaketan, zati txikiago bat ados da Estatuarekin eta gehiengo handi batek ez daki egiazki gertatzen dena. Halako epaiak behar den tinkotasunaz ez salatzeak ez die mesederik egiten ez konponbideari ez bakearen kulturari. "Ez ekarri liorik, legea betetzeko dago eta Ertzaintza polizia integrala da" bakarrik erantzutea izugarri injustoa da.
news
argia-53fd7e4319be
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/krisi-garaiko-soldatak.html
Krisi garaiko soldatak
Juan Mari Arregi
2015-05-17 00:00:00
Krisi garaiko soldatak Gobernuetatik errekuperazio ekonomikoaz hitz egiten dutenek badakite gezurretan ari direla. Hemen soilik kapital-errentak baino ez dira hobetzen ari krisiaren ondotik, eta bitartean, ezberdintasun soziala handitzen ari da, soldaten arteko leizea nola. Egunetik egunera sakonagoa, eta beraz eskandalagarriagoa den leizea. Datu ofizialetara jo besterik ez dugu hori ikusteko. 2014an zuzendaritzetako kideen soldatak %10 baino gehiago igo ziren eta enplegatuenak %0,6 jaitsi. 2013an, IBEX 35ean dauden enpresetan ondoen ordaindutako pertsonen soldataren batez bestekoa, konpainia bereko enplegatuek kobratzen zutenaren halako 75 zen. 2014an berriz, ongien ordaindutakoek –goi-karguetako zuzendari eta kontseilariek– langileek baino 104 aldiz gehiago jaso zuten. Desberdintasuna 75etik 104ra igo da beraz. Repsoleko Josu Jon Imaz, Espainiako Estatuan soldata handienetakoa duten 50 pertsonen artean dago; bada, 2014an 2,10 milioi euro irabazi zituen. Txapeldunak berriz, Juan Maria Nin Caixabankeko presidenteak, 16,38 milioi irabazi zituen. Eta Jazzteleko exekutibo nagusiak bere langileek baino 1.000 aldiz gehiago. Horri guztiari batu behar zaio euren pentsioentzat egiten diren diru-ekarpenak. 2014an IBEXeko enpresetako 72 kontseilarik 500 milioi euro pilatu zituzten. Bitartean, Espainiako Estatuko soldatadunen %40ak ez du lanbide arteko gutxieneko soldata irabazten: aurten 648,60 euro kobratuko dituzte hilean, 9.800,40 euro urte osoan. Nola mantendu daiteke hain injustua eta ezberdina den gizartea? Errekuperazio ekonomikoaz hitz egiten dutenak dira IBEX 35eko enpresetan parte hartzen duten berberak. Rajoyrekin edo Moncloarekin hitz egiten duten horiexek dira, orain egun batzuk egin zuten moduan, laudatzeko eta animatzeko segi dezan prekarietatearen bidez soldaten arteko leizea eta desberdintasuna handitzen. Klase borroka ez da iraganeko kontua. Gure herri eta enpresetan daukagu. Ez badugu nahi egoera are larriagoa izatea, sistema kapitalista aldatu eta beste gizarte eredu bat eraikitzea beste aukerarik ez daukagu, aberastasunaren bidezko banaketa lehenetsiko duena, justizia, berdintasun eta elkartasunean oinarritua.
news
argia-b447d9d547bf
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/markel-olano-eta-xabier-olano-oraingoz-berdinketa.html
Markel Olano eta Xabier Olano, oraingoz berdinketa
Xabier Letona
2015-05-12 00:00:00
Markel Olano eta Xabier Olano, oraingoz berdinketa Nork eskuratuko du Gipuzkoako Diputazioa, Markel Olano EAJko hautagaiak edo Xabier Olano EH Bildukoak? Lehia gori-gori dago. Eztabaida ere bizia eta mamitsua izan da, halako kanpainari dagokiona. Tentsiorik ez da falta izan, baina batez ere eztabaidarako biek erakutsitako estilo ona da azpimarratu beharrekoa. Argiako web telebistan ikusgai da. Hastearekin bat, Xabier Olanok (Altzo, 1959) adierazi dio Markel Olanori (Beasain, 1965) pozten dela azkenean aurrez aurre eztabaida dezaketelako, orain arte ez duela nahi izan eta. Markelek erantzun dio jadanik eztabaidatu dutela beste hedabide batzuek [beste hautagaiekin batera] antolatutako saioetan. Hedabideetako eztabaidetara joan dela, baina alderdiek antolatutakoetara ez. Guk gure esker ona adierazi diegu, lehen buruz burukoa Argiari eskaini izanagatik. Eta esan diegu abizenarekin nahastu egingo garela eztabaidan eta, euren baimenez, Markel eta Xabier izango direla debatean. Markel aurreko legealdian izan zen Gipuzkoako Diputazioko ahaldun nagusia eta berriz errepikatzea du helburu. Xabier Diputazioko Ogasuneko zuzendaria da orain eta diputatu nagusiaren aulkia lehiatuko du. Bakoitzaren gizarte ereduaz jardun dute lehenbizi eta gero, gobernura iritsiz gero, ekonomia eta enpleguaren esparruan hartuko lituzketen hiruna neurri eskatu dizkiegu. Motorrak ondo berotu  ondoren zerga politika eta hondakinen gaiak mahairatu ditugu, legealdiko korapilatsuenetakoak. Nork irabazi du? Debateetan egiten den ohiko galdera da, baina honetan irakurleak edo ikus-entzuleak erabaki beharko du, guk behintzat ez baitugu batere argi. Lehia zorrotza izan da eta biek atera dituzte haien parrokiak asetzeko moduko eduki, jario eta estiloa.     EAJ, PP eta PSEk zerga erreforma adostu zuten 2013ko amaieran eta Bildu aurka agertu zen. Xabier, zerga garrantzitsuenetan, zer tipo zehatzak behar dira eta zergatik? Xabier : Haiek kontraerreforma egin zuten, guk aurretik egindako erreforma zuzendu nahian. Bat, atzera pausoak eman ziren PFEZen eta kapital errenten tributazioan. Bi, sozietate zergan izugarrizko atzerapausoa eman zen: Gipuzkoan, sozietateek batez beste %10eko zerga dute beraien irabaziengatik, eta irabazi handienak dituzten enpresa handiek are eta gutxiago oraindik, %1-%2. Edozein langilek, edozein pentsionistak bere irabazietatik %20-22-25  ordaintzen du hilero. Sozietateek huskeria ordaintzen dute beren irabazietatik eta guk uste dugu askoz gehiago ordaindu behar dutela. Kontraerreformak Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zerga ere ezabatu nahi izan zuen, baina hor PSEk eutsi egin zion eta ez zuten lortu. Hau oso zerga aurrerakoia eta eredugarria da, Europa osoan erreferentziazkoa eta [Thomas] Piketty moduko adituek sostengatzen dituzte halako zergak. Markel: PFEZ eta beste zerga batzuetan ez dago ia desberdintasunik EH Bildu eta gure arteko proposamenetan, aldeak kosmetikoak dira. Bildu ez zen oso anbiziotsua izan bere proposamenetan, beste toki batzuekin alderatuta. Non dago koska? Sozietate zergan. Hor Bilduk orain arteko eskema guztia eraldatu nahi izan du. Sozietate zergaren helburu bakarra ez da dirua biltzea eta hori da Bilduren obsesioa eta irizpide soila. Sozietate zergak enpresa portaerak bideratu nahi ditu, ondo ari dena saritzea; hau da, enplegu gehien sortzen duenak izango ditu hobari edo kenkariak. Berdin inbertsioak egiten dituenak. Aberastasuna eta fortuna handien zerga: Europan puntakoa dela diozue, ez da ba izango, Europan mota horretako zerga bakarra da eta! Zerga honen eskutik, enpresari batek bere dirua makinetan eta pabiloietan inbertitua badu, hori ondare pertsonaltzat jotzen da Gipuzkoan. Kasu bakarra da Europan eta horrek ez du bultzatzen apustu berriak egitera. Horrek ez dio mesede egiten justizia sozialari, horrek industriari egiten dio kalte. Xabier : Ez nator bat. Aberastasunaren zerga gipuzkoarren %1ek bakarrik ordaintzen du, milioi 1etik gorako ondarea dutenek. Baina milioi 1-2 dutenek oso gutxi ordaintzen dute, izugarrizko aberastasuna dutenek ordaintzen dute dirutza, eta gizarte justuago bat nahi badugu hori ezinbestekoa da. EAJk sozietate zergan egin duena onartezina da. Bi adibide: bat, opor fiskalak jarri zituen eta Europak sekulako egurra eman digu, 50 milioi euroko isuna ordaindu behar izan dugu; bi, EPSak, beste sistema bat enpresak ezer ez ordaintzeko. Hori bada EAJren ekarpena ederki gaude. Markel : Bi zerga horiek jarri ziren indarrean Gipuzkoa eta Euskal Herri osoaren industri arima arriskuan zirenean, 80 eta 90eko hamarkadetan. Ez egin demagogiarik horrekin, bere garaian ezker abertzaleak sostengua eman zien eta. Xabier : Gezurra da hori, ni Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkidea eta bozeramailea nintzen garai hartan eta ez da horrela. Markel: Ondarearen zergan kalkulu bat egin dugu. Bi adibide: batean pertsona batek ondarearen %80  inbertitzen du bere enpresan eta %20 geldi du; bestean alderantziz, %20 inbertitzen du eta %80 geldi uzten du. Zuen zerga berriarekin galtzaile ateratzen da diru gehien bere enpresan inbertitzen duena. A ze paradoxa, zerga batek kaltetzea bere ondarea Gipuzkoako enpresa batean inbertitzen duena. Hori bai dela onartezina! Xabier . Ez da horrela, baina ez nau harritzen Markelek hori esatea, diputatu nagusi zenean ondare zerga kendu egin zuelako… Markel . Gainerako guztiek egin zuten bezala… Markel, agintzen baduzue erraustegia egingo duzuela iragarri duzue. Zergatik? Markel : Gipuzkoan ezinbestekoa dugulako hondakinen zirkuitu guztia ixtea eta une honetan itxi gabe dugulako. Ezker abertzaleak eta Bilduk sekulako lardaskeria egin dute bai Zubietan eta bai Zestoan, besteak beste horiek eraikitzeko baimenik ez dutelako. Zestoako horrekin hondakinen estrategia osoa zabortegietan amaitzea litzateke eta Europak ez du horrelakorik baimentzen. Ahalegin handia egin behar da birziklatze eta konpostatzean, baina gelditzen den gainerakoarekin energia sortu behar da, Europako herrialde aurreratuenetan egiten den bezala, Alemanian, Danimarkan, Suedian… Atzeratuenek zabortegietara jotzen dute eta aurreratuenek birziklatu eta erraustera. Xabier : Astakeria hutsa da 2015ean Gipuzkoan errauskailu bat egin nahi izatea. Inork ez du halakorik nahi bere inguruan. PPk eta PSEk bultzatu zutenean ere ez Urnietako alkateak, ez Lasartekoak, ez Errenteriakoak, Donostiakoak… inork ez zuen berean nahi. Agindutakoa betez, guk gelditu egin genuen. Horren ordez, birziklatzea lehentasunezkoa zen plana bultzatu dugu eta hondakinen %22 birziklatzetik %50era pasatu gara. Hori izugarrizko ahalegina da eta Europak ere hala aitortzen du: 2013an ingurumen komisarioak, adibidez, eta aste honetan bertan Europako Ingurumen Bulegoko arduradunak. Azken honek esan du Gipuzkoa eredugarria dela, ez bakarrik lortutako birziklatze kopuruarengatik, baita ere errauskailu bat geldiarazteagatik. Bizkaian 10 urte darama errauskailuak eta, hala ere, zabortegia behar da, errautsak norabait bota behar dira eta. Artigaseko zabortegia ez da itxi, areago 2040ra arte luzatu zaio bizitza. Zuek errauskailuarekin duzuen grina hori bakarrik uler liteke atzean diren interes ekonomikoetatik. Markel : Ezker abertzaleak beti aipatzen du interes ekonomikoen kontu hori. Berak egiten dituen azpiegituretan ez, adibidez atez atekoan, baina besteek beti dituzte.  Aipatzen duzun %50 hori ez da birziklatzea, bilketa selektiboa baizik. Xabier : Europako errauskailuei buruz: azken bost urteetan ez da errauskailu bakarra egin eta Europako zuzentarauen arabera ezingo da birziklagarria den ezer erraustu. Zestoako Osinbeltzekoa zabortegi inertea izango da. Markel : Eguneratu zure diskurtsoa, Iñaki Errazkinek dio inertizatu egingo direla, hondakin horien zati bat organikoa izango delako eta zabortegi horrek ere lixibatuen azpiegitura guztia beharko duelako. Xabier : Errauskailutik datozen errautsak toxikoagoak dira… Markel : Hori beste eztabaida bat litzateke…   Erabakitzeko eskubidea: adostasunik ez elkarlanerako Gure Esku Dagok bultzatuta kontsultak egingo dira Goierriko 22 herritan 2016an. Ekimena Gipuzkoako gainerako herrietara zabaldu beharko litzateke? Markel : Ekimen hori era indartsuan egiteko hauteskundeak pasatu beharko dira eta gure arteko liskarra leundu beharko da. Une honetan ez dago baldintza objektiborik Euskal Herri osoan erabaki eskubidearen aldeko dinamikarik behar den bezala bultzatzeko. Tamalez, ezker abertzalearen eta EAJren arteko enfrentamendu politikoak ezinezko egiten du hori. Abertzaletasunaren baitan dagoen lidergo lehia konpondu arte ez da posible izango; eta hilabeteak eta urteak beharko dira hori konpontzeko. Xabier: Ez nator bat inondik inora. Gure arteko lehiak, hauteskunde borrokatxoek… ez dute nahiko garrantzi herri honen erabakitzeko eskubidea zalantzan jartzeko. Instituzioak erabili behar ditugu erabakitzeko eskubidearen alde, hori da lehentasuna. Herri hau epe luzera eraiki nahi badugu, oinarria erabakitzeko eskubidea da eta bitartean, lau urtetan agintean bat edo bestea egon, horrek ez du hainbeste garrantzirik. Baina lehia honetan EAJ itsututa ikusten dut eta gauza guztien gainetik Gipuzkoako gobernua konkistatu nahi du eta horretarako prest dago edozer gauza egiteko: PSErekin ituna, PPrekin edo Ciudadanosekin. Hori oso epe motzeko ikuspegia da. Markel: Nik erabaki eskubidearen alde egingo dut eta gure jendeak ere bai, baina ez dago baldintza objektiborik ezker abertzalearekin elkarlanean aritzeko, eta hori egiten ez den bitartean, herri honek jai dauka arlo honetan. Joseba Permach Azpeitiko Auzitegira badoa, han ustelak eta mafiosoak garela esaten badu eta hurrengo minutuan erabaki eskubidearen aldeko elkarlana eskatzen badigu, horrek duen ahuldade politikoa beldurgarria da. Gure aurkako gorroto handia dago eta horregatik, herrietan normalizazio politikoaren aldeko dinamikak bultzatu behar dira. Xabier : Ezin zaio inori eskatu horren izenean ustelkerien zantzuen aurrean bestaldera begiratzea. Bi bideak jorratu behar dira. Markel : Baina Permachek zera nahi du: "Zu, mafioso, etorri nirekin erabaki eskubidea lantzera". Norbaitek pentsatzen badu horrela zerbait egin litekeela desorekaren bat du. Xabier : Xabier Olanorekin ari zara, ez Permachekin. Markel : Zure nagusia da hori…   Eztabaida gori-gori Bidegiko zuloez AZPIEGITURAK Zer falta zaio Gipuzkoari eta zer du soberan? Xabier : Zorra du soberan. Bere garaian sekulako azpiegiturak egin ziren Gipuzkoan eta horren ondorioz Bidegik 900 milioi euroko zorpetzea du. Horietatik 400 milioi Bilduren Gobernua osatu aurretik hitzartu ziren, korrika eta presaka. Eta gainera, badirudi egin gabeko gastuak ordaindu zirela. Zantzuak ikusita, guk kereila aurkeztu dugu Azpeitiko Auzitegian eta hor ikusiko da ardura penalik badagoen edo ez. Gipuzkoako Batzar Nagusiek erabaki dute badirela ardura politikoak, eta arduradun politiko horietakoa Markel da. Markel : Hori guztia hauteskundeei begira antolatu da. Bidegikoa, Kutxabank… Agenda iluna dago EAJren irudia zikintzeko. Batzar Nagusietan bi bertsio egon dira, foru gobernuarena eta gurea. Non dira lurrak?, galdetu zen eta horretan ibilitako teknikariek erantzun zuten lurrak obran zirela. Hortik aurrera Bilduk erabilera politikoa egiten du. Xabier : Hauteskundeak izan ala ez, gipuzkoarrek jakin behar dute beraien 18 milioi zuzen erabili diren ala ez. Markel: Guk erantzun genien zuek aurkeztutako frogei, baina ez dituzue jaso nahi izan. Susmoak direnean, lehenengo logikoena da joatea enpresa haiengana eta galdetzea, "zer gertatu da hemen?". Etorri dira, azaldu dute eta ez zaie kasurik egiten. Hor dago erabilera politikoa. GENEROA 2013an onartu zen berdintasun plana Batzar Nagusietan. Teoriatik praktikara: zein hiru neurri zehatz jarriko zenituzkete hurrengo legealdian? Xabier : Bat,    emakumeen bizitza prekarizazioa gelditu eta baliabideak eskura izan ditzaten bermatu. Nola egiten da hori? Emakumeek lan egiten duten sektoreetan lan baldintzak hobetuz. Erresidentzietako langileekin hori egin genuen eta Adegik auzitegietara eraman gintuen. Bi, zaintza eta etxeko lanen ekonomiak egiten duen ekarpena ere aitortu behar da eta hor batez ere emakumeak ari dira. Eta hiru, biolentzia matxistarik gabeko bizitzak bermatu behar dira, eta biolentzia hori jasaten duten emakumeei gure laguntza, babesa eta gertutasun guztia eskainiko diegu, orain arte egin dugun bezalaxe. Markel : Foru arau hori aho batez onartu zen eta guk gure egiten dugu. Egingo duguna: Bat, foru arauan aurreikusten diren neurriak gauzatu. Bi, generoaren gaia zehar-lerrokoa da eta hala hartu behar du foru gobernuak, euskararen gaian egiten den bezala. Hiru, genero berdintasuna zenbakietara eraman behar da eta guk egiten dugu hori: hauteskunde zerrendetan esate baterako. Horrez gain, zenbakietatik arlo kualitatibora ere eraman behar da, ardura eta aginte postuetara. Hau indartzeko konpromisoa hartzen dugu. EUSKARA Euskararen normalizaziorako egungo diskurtso eta jardunak goia jo duela aipatzen da hainbat gunetatik. Behar du euskararen normalizazioak beste ikuspegi bat eta bultzada berri bat? Markel : Erabileraren esparruan hutsune handiak ditugu eta datorren legealdirako programa berezia jarriko dugu abian, batez ere gazteen esparruan. Erabilerarena da une honetan euskararen erronka nagusia, kalean eta familietan. Baina behar da diskurtso berri  bat? Markel : Bai, behar da, erabileraren urrats hori egiteko oinarrizko zutabeak ezarri behar direlako eta, seguruenik, berrezarri behar direlako. Adibidez, gaztetxoek kalean euskaraz hitz egiteko erregistro bat behar dute eta horretarako ezinbestekoa da ikus-entzunezko eta interneteko edukietan ere euskarak gero eta presentzia handiagoa izatea, batez ere aisialdiko edukietan. Tabakalera proiektuak protagonismo handia behar du eduki horien sorreran eta gure konpromisoa zera da: eraikina bukatu eta haren bihotza euskarazko ikus-entzunezko edukien sorkuntzan kokatzea. Xabier : Bai, euskarak bultzada eta diskurtso berriak behar ditu. Ezagutza nahiko txukuna da Gipuzkoan, %60tik gora dago, baina erabilera kopuru horretatik oso urrun dago. Nola egin liteke hori? Euskarari prestigioa emanez, adibidez Gaizka Garitanok Almerian egin zuen bezala; hori egingo bagenu Gipuzkoako politikari, kirolari, kultur erreferentzi eta abarrek, euskararen erabilera askoz handiagoa litzateke. Neurri zehatzen esparruan, euskara ikasi nahi duten guztiei aukera hori doan eskainiko diegu. Gaur egun eskumen hori Jaurlaritzarena da, baina bermatzen ez duenez, guk egingo dugu. Markel : Doakotasunak ekar dezake egin behar den ahaleginari garrantzi nahikoa ez ematea.  Doakotasuna kasu berezietarako bai, baina orokortzea ez da egokia estrategia bezala. Xabier : Kuriosoa da, Gipuzkoan  doakotasuna ez da estrategia egokia, baina Espainian gaztelania ikastea doakoa da, Frantzian frantsesa ikastea ere bai… eta Argentinan euskara ikastea doakoa da, Gipuzkoan ez. KUTXABANK Espainiako Bankuak behartu ditzake Kutxabankeko fundazioak 700 milioi euro erreserbetara bideratzera. Ahalko dute? Kolokan da haien bideragarritasuna?     Markel : Hori ez da hipotesi nagusiena. Seguruenik Kutxabankek bere banku funtzioarekin jarraituko du  eta kutxek gizarte ekintzarekin jarraitu ahalko dute. Hori litzateke desiragarriena. Xabier : Kontuz, Espainiako Bankuak halako kasuetan oso zorrotz jokatzen du eta. Edozein kasutan, horretara jo gabe ere, guk umetan aurrezki kutxak oso gertukoak genituen eta poliki-poliki banku pribatu bihurtu dira. Gipuzkoak galdu du berea zen erakunde bat eta jadanik ez da finantza erakunde publiko bat. Batzuek utzi egin dute hori gertatzea eta gainera txalotu. Markel : Ezker abertzaleak Kutxaren kontrola hartu nahi izan du eta hori ezin izan duenean estrategia zabala jarri du abian Kutxaren irudia zikintzeko. Xabier : Ez dut kontrol politikoa nahi, kontrol publikoa baizik, izan dadila denona, garai batean bezala. Markel : Guk bi proposamen egin ditugu Batzar Nagusietan: bat, fundazioko patronoak Batzar Nagusiek izendatzea. Bi, akzio kopuru bat saldu behar bazen, Foru Aldundiak erostea. Bi proposamenetan ezker abertzaleak ezezkoa eman zuen. Mahai-ingurua PDF formatuan
news
argia-403ebfd2c938
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/kitzikan.html
Sexua askatasunez bizitzeko mugimendu politikoa
Onintza Irureta Azkune
2015-05-17 00:00:00
Sexua askatasunez bizitzeko mugimendu politikoa Kitzikan gazte antolakundea urte hasieran sortu da. Sexualitatea eta ekintza politikoa bateratzen ditu. Heteropatriarkatuaren aurka, garai bateko jarrera politiko erradikala berreskuratu nahi dute. Eskualdeka hasi dira lanean, eta Hego Euskal Herri osoan zabaltzea dute helburu. Urtarrilaren 31n aurkeztu zuen bere burua Kitzikan gazte antolakundeak. Bergarako (Gipuzkoa) gaztetxean elkartu ziren hamarnaka lagun. Norbanakoen eta talde gonbidatuen artean ziren LAB sindikatua, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Medeak talde feminista eta Ernai. Gazte deitu diote beren buruari, baina ez diote adinari begiratuko, gazte espiritua da nabarmendu nahi dutena. Hego Euskal Herrian zabaldu nahiko lukete, oraingoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ari dira lanean. Eskualdeka antolatu dira eta Donostialdean, Gasteizen, Bilbon, Ezkerraldean eta Uribe-Kostan sortu dira taldeak, besteak beste. Eskualdeko batzarrek egitura orokorraz gaindi, autonomiaz jardungo dute. 1969 hura gogoan Sexu askapenerako mugimenduaren hasierako erroak berreskuratu nahi dituztela diote. Hasiera 1969an kokatzen dute, New Yorken (AEB), Stonewall taberna ospetsuan izandako istiluetan. Sexu langileek, transexualek, trabestiek eta homosexualek poliziari aurre egin zioten, eta hainbat egun iraun zuen matxinadak. Batzuen ustez ordea, eztanda hark ez zuen asko iraun. 1980ko urteetan, sexu askapenaren mugimenduan haustura egon zen, eta queer mugimendua piztu zen. Pentsaera hori LGBT ideologiaz harago doa, heterosexualitateaz, heteronormatibitateaz eta emakume-gizon binomioaz gaindiko gutxiengo sexualak hartzen ditu bere barnean. Queer diskurtsoaren iritziz, 1969ko espiritua galdu egin zen eta eredu heterosexuala hura irensten ari zen. Kitzikanek ez du bere burua queer mugimendutzat, ez du izendapenik hartu, baina aipatu mugimendutik oso gertu kokatzen da. Ekaitz Herrero Kitzikaneko kidearen aburuz, azken urteetan kontuan hartu beharreko beste zenbait gertakari izan dira: "Krisi ekonomikoa hasi zen 2006an; sexu askapenerako mugimendua berriro kokatu nahian zebilen; eta tokian tokiko arazoak sortu dira, Ukrainan, Udaberri Arabiarraren ondorioz Turkian, eta abar". Nazioartean azken urteotan sortutako mugimendua gainbegiratu du Herrerok: Errusiako eta Ukrainako Kaos GL, AEBetan arrazakeriaren ildotik queer mugimendua, Turkian queer intifada, Palestinan ere bai... Giro horretan sortu da Kitzikan, sistema heteropatriarkalaren kontrako jarrera politiko erradikala berreskuratzeko asmoz. Hutsunea betetzera Euskal Herrian Kitzikanek nahiko lukeen moduko mugimendurik ba al dagoen galdetuta Herrerok honela erantzun du: "Euskal Herriko egoera soziopolitikoa, antolatzeko eta borrokatzeko modua, kontzientzia kritikoa kontuan hartuta, beste leku askotan baino mugimendu gehiago egon da, eta horietan, sexu askapenean ere bai, egiteko moldeak koherenteagoak izan dira. Hasiera hartan behintzat bai". Euskal Herriko mugimendua erradikalagoa, politikoagoa, botere guneetatik ez hain gertu irudikatzen du Herrerok. EHGAM jarri du adibide. Hasierako aldarrikapen haietatik, oraindik ere, nahiko hurbil dabilela uste du. Hala ere, gorakadaren ondoren, bertan goxo egitea edo zahartzea datorrela uste du, eta indarrik eta aukerarik gabe geratzen direla mugimenduak haien nahiak betetzeko. Homofobiaren Aurkako Eguna ospatu behar al da? 1990ean, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenetik atera zuen. Erabaki hori oinarri hartuta, Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna prestatu zuten. Lehenengo aldiz 2005eko maiatzaren 17an egin zen. Herreroren ustez, ez dago zertan ospatu munduko erakundeek homosexualitatea buru gaixotasunen zerrendatik atera izana. Maiatzaren 17a antolatzen duten berberek transexualitatea zerrenda berean egotea ez dutela zalantzan  jarri dio Herrerok: "Transexualitateak heterosexualitatearen erregimena ezbaian jartzen du, jada ez daude gizonak eta emakumeak soilik, hirugarren pertsona bat aldarrikatzen da". Izatekotan, borrokarako baliatuko dute Homofobiaren Aurkako Eguna, gogoratzeko oraindik badirela izate eta praktika ugari gaixotasuntzat hartzen direnak. Ekainaren 28an bai Sexu Askapenerako Eguntzat du ekainaren 28a LGBT (Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transgenero) mugimenduak. Kitzikaneko kidearen ustez, egun hori oso garrantzitsua da mugimenduarentzat: 1969ko ekainaren 28 hartan sistema heteropatriarkalaren aurrean, orduko hartan, poliziaren aurrean, ez makurtzea erabaki zuten. Herrerok gaineratu du zoritxarrez egun hori ere despolitizatzea lortu dela, eta tabernaz eta enpresaz betetako erakusleiho bihurtu dela. Ez ordea Euskal Herrian. Hemen borrokarako eta aldarrikapenerako eguna izaten segitzen du. n
news
argia-675de7a5dc31
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/homofobiak-ez-nau-harritzen.html
Homofobiak ez nau harritzen
June Fern�ndez
2015-05-17 00:00:00
Homofobiak ez nau harritzen Hedabideek bi eraso homofoboren berri eman zuten apirilean. Lehenengoa Getxon izan zen: gay aktibista bat bere bikotekidearekin zegoen terraza batean, gizon batek berarengana jo zuen "marikoi" oihukatuz eta aulki batez kolpatu zuen. Bigarrena Madrilen: lau lagun kalean zihoazen gauean eta talde batek "marikoi" oihukatuz jipoitu zituen. Sare sozialetan harridura adierazi dutenak heterosexualak ote diren intuizioa daukat. Gay eta lesbianentzat, maritxu eta soropilentzat, ordea, homofobia eta lesbofobia gure eguneroko errealitatea delako. Hots, Getxoko berria irakurri eta egun batzuk geroago, Bilboko lagun baten deia jaso nuen: bere lagun batek "marikoi" oihukatzen zion gizon talde bati ihes egin zion, oso izututa. Gertatutakoa salatu nahi zuen. Halako gertakariek LGTB mugimenduko pertsonon beldurrak elikatzen dituzte. Inoiz bortxatuak izan ez garen arren, emakumeok kaletik sentitzen dugun beldur sistemikoari sexu ikara deitzen zaio. Guk ikara homofobiko eta lesbofobikoa bizi ditugu. Kalean bikotea musukatzerakoan edo besarkatuta paseatzean, zaila da urduritasun puntua ez sentitzea. Erne gaude, begirada edo hitz mingarriren bat jaso dezakegulako. Batzuetan harro edo ausart sentitu ahal gara, beldurra gainditu dugulako, esparru publikoan gu izateagatik politika egiten ari garelako. Baina hori salbuespen egoeran bizi dugun adierazle da. Lelo feministak dioen bezala, ez dugu ausart sentitu nahi, aske baizik. Nire familiako kide gehienek ez dute nire lesbianismoa onartzen; fase bat dela uste dute, onurarik ekarriko ez didana, eta ez dute nire bikotekidea ezagutzeko gogorik, emakumea delako. Nire bi lagun heteroei hau kontatu eta ni animatzeko asmoarekin hauxe erantzun zidaten: 1.:  "Esaiozu zu pertsonekin maitemintzen zarela" (ze polita, "les-bi-ana" baino askoz dotoreagoa). 2.: "Ez dut ulertzen nori axola zaion norekin oheratzen zaren". Eta 3.: "Hala ere, ez dut ulertzen zergatik batzuek homosexualak direla oihukatu behar duten". Amorrua irentsi nuen. Nola azaldu halako komentarioak ere iraingarriak direla? Nola azaldu eurek ere "heteroxesuala" dioen kartela daramatela aurpegian itsatsita? Nola azaldu homosexualitatea ez dela sexu zaletasun pribatu soila, homofobiak eta lesbofobiak gure nortasunean, bizitza afektiboan, familiarrean eta publikoan eragina daukatela? Nola azaldu heterosexualitatea ez dela aukera bat, pertsonak mugatu eta zapaltzen dituen sistema krudela baizik? Behinola, Bilboko autobusean, nire atzean bost urte inguruko neskatila zihoan bi emakume heldurekin –demagun ama eta amama zirela–. "Eneko zure nobioa da?", galdetu zioten. Eta haurrak: "Ez. Eneko nire laguna da. Leire da nire nobia". Eta helduek: "Ez, maitea. Eneko zure nobioa da. Leire zure laguna". Heteroarauak txikitatik nor deseatu eta maitatu behar dugun esaten digu, bestela presioak jasoko ditugu, bide egokira itzul gaitezen. Facebooken eraso homofoboen berri ematen duten gizon askok, lagunartean "marikoi" hitza erabiltzen dute, irain zein "txantxa" bezala. Tolerantzia eta egiazko sexu aniztasunaren onarpenaren artean salto handia dago, eta ez dut ikusten heterosexualak definitzen diren pertsona gehienek heterosexismoaren kontra borrokatzen dutenik. Indarkeria matxistarekin gertatzen den bezala, erosoagoa da homofobia eraso isolatuen multzoa dela pentsatzea, norberak bere ardura onartu eta eguneroko jarrera heteronormatiboak aldatzeko konpromisoa hartzea baino.
news
argia-ca4f6292cb75
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/maite-garbayo.html
null
Danele Sarriugarte Mochales
2015-05-17 00:00:00
Arte historialaria da Maite Garbayo Maeztu (Iruñea, 1980). Iazko ekainean doktore tesia aurkeztu zuen frankismo amaierako performance obrei buruz. Gaur egun, ikerketa lanean ari da Mexikoko UNAM unibertsitatean eta, beste bi kiderekin batera, Pipa arte aldizkaria editatzen du. Erresistentzia gune gisa ikusten du artea, esan ezin daitezkeenak esateko eta estrategia estetiko-politikoak garatzeko balio duen heinean. Feministaldian izan zinen iaz, eta, besteak beste, performabitate-bira delakoaren garrantzia azpimarratu zenuen. Artearen historian, tradizionalki, subjektu batek (artista) objektu bat sortzen du (arte-lana), gero beste subjektu batek beha dezan (ikuslea). 60ko hamarkadan zenbait artista gertaerak sortzen hasi ziren, objektuak beharrean. Horixe da performatibitate-bira. Oso garrantzitsua izan zen, sakon errotutako bi dikotomiarekin hautsi zuelako. Batetik, subjektu eta objektuaren arteko biko oposizioa hautsi zuen, eta beste espazio bat sortu zen, subjektu-artekotasuna dei genezakeen zerbait. Bestetik, performanceak ordura arte estetikotzat jotzen zenaren mugetatik harago zihoazenez, estetikoaren eta ez-estetikoaren arteko oposizioa ere apurtu zuten. Garbi geratu zen estetikoa soziala dela, eta politikoa, eta etikoa. Agertzen diren gorputzak aztertu dituzu zure tesian. Hasteko, eta performatibitate-biraren kontua aipatu dugunez, pare bat hitz esan nahi nituzke performatibitate kontzeptuaren beraren harira, nahaste-borraste handia baitago, horretan dabilen jendearen artean ere. Kontzeptua asko erabiltzen ari da arteetan, eta baita feminismoan ere, baina, egiatan, lengoaiaren filosofiatik dator, eta zera esan nahi du: badaude deskribatzaileak beharrean performatiboak diren enuntziatu batzuk, hots, errealitatean ondorio zehatz batzuk sortzen dituztenak. Beste kontu bat dira performance edo ekintzak, horiek zuzenean daude lotuta artearekin. Nire tesia, hortaz, ez da performatibitate kontzeptuari buruzkoa, baizik eta frankismoko azken urteetan Espainiako Estatuan egin ziren performancetan agertu ziren gorputzen inplikazio estetiko-politikoei buruzkoa. Hala ere, tesiaren barruan, performatibitate kontzeptua baliatu dut aztertzeko nola artista horiek performatiboki ondorio edo ekintza zehatz batzuk sortzen dituzten errealitate publikoan, espazio publikoan ekiten baitute sarri. Zer esan nahi du gorputz bat agertzeak? Espazio publikoan presentzia-espazio bat hartzea da eta, horrekin lotuta, subjektuak agentzia hartzea. Agertzen den hori ez da derrigor absente zegoen zerbait; ordea, beste modu batean agertzen da edo ikusgarritasun mota zehatz bat hartzen du. Andreen gorputzaren adibidea jartzen badugu, ideologia nazional-katolikoak andre-gorputz zehatz batzuk moldatzen eta ekoizten zituen, erregimenari zerbitzu egiteko, eta eredu horiek zeuden presente. Nik aztertu dut 60ko hamarkadan agertzen hasi ziren andre artisten gorputzek zer zeukaten aurreko gorputz horretatik (ezin baitzen huts-hutsetik hasi), eta zer gauza berri proposatzen zituzten. Hortaz, frankismo amaieran, gorputzarekin lan egiten zuten andre artista asko izan ziren Espainiako Estatuan? 70eko hamarkadan gauza nahiko berezia gertatu zen Katalunian, seguru asko, estatu frantsesetik gertu zegoelako eta diktadura ez zelako beste toki batzuetan bezain gotorra. Artista talde bat, gerora kontzeptual katalanak deitu izan dituztenak, lanean hasi zen bestelako medioekin: instalazioa, bideoa, performancea… Praktika alternatiboak zirenez, ez hain instituzionalizatuak, hainbat andre sartu ziren artearen esparrura. Andre artista horietako batzuekiko interesa izan zen nire tesiaren abiapuntua: Fina Miralles, Olga Pijoan… Horien xerkan hasi nintzen, baina konturatu nintzen ekintza-lan guztietan gorputza lehen lerroan ipintzen zela, eta hori oso esanguratsua zen, hain zuzen ere, 40 urtez gorputzaren diskurtso nazional-katolikoa nagusi izana zen toki batean gertatzen ari zelako. Gero, jendeak beti galdetzen du Esther Ferrerren lanak benetan feministak izan ote ziren, baina modu hartan agertzea ezinbestean izan zen iraultzailea. Garaiko prentsa irakurtzea besterik ez dago: puta esaten zioten, itzulingururik gabe. Tesian planteatzen duzu eremu estetikoa erresistentzia-gune izan daitekeela. Adibiderik? Gonçal Sobréren lan bat datorkit burura, La dansa de l'afusellament [Fusilamenduaren dantza], 1966 ingurukoa. Sobré horma baten parean dago, gorputza mugitzen du tiroka ari balitzaizkio bezala, eta lurrera jausten da. Bartzelonako Poblenou auzoan egin zuen, Camp de la Botan, jende mordoxka fusilatu zuten tokian. Arte-ekintza bera, itxuraz, kaltegabea da: tipoa ez da espetxera joango pareta baten aurrean mugitzeagatik. Hala ere, esan ezin daitekeen hori esaten ari da, arekatan dauden gorpu horiek guztiak aipatzen ari da. Sobréren obrak, tesian aztertzen ditudan lan askok bezala, debekatuta zegoena esateko modu berriak sortzen ditu eta zentzu horretan jo dezakegu estrategia estetiko-politikotzat eta erresistentzia-gunetzat. Artearen esparruan anbibalentzia moduko bat sortzen da, arte-ekintza ikuskizuna ala errealitatea ote den. Horrek aukera eremu bat irekitzen du, lengoaia bihurritu baitaiteke, eta metaforen edo metonimien bitartez hitz egin. Esparru estetikoa eta, kasu zehatz honetan, arte-ekintza, pribilegiozko toki bilakatzen da, errealitate sozio-politiko zehatz bat auzitan jartzeko eta kritikatzeko. Zenbait artistek egindako gauzak aktibistek egin izan balituzte, gogor jazarriak izango lirateke. Aztertu dituzun artistak nahiko ahaztuta egon dira orain gutxira arte. Bai, artista hauetako asko erabat baztertuak izan ziren 80ko hamarkadan, proiektu nagusiago baten mesedetan, Trantsizioa esan dioten horren mesedetan. Artearen esparruan ondorio oso zehatzak izan zituen. Bira oso erreakzionarioa egin zen, atzera margogintzara itzuliz, nahiz eta aurreko hamarkadan abangoardiako praktikak egin zituzten, besteak beste, Zaj-ek edo Esther Ferrerrek. Trantsizio garaian, Espainiako Gobernuak, kanpora begira, modernitate-irudia eman nahi zuen, diktadura gainditu zelako itxura eta, hain justu ere, orduantxe sortu zen ARCO azoka eta diru-laguntzak eman zitzaizkien artista jakin batzuei. Esportatutako artista guztiak gizonak ziren, jenioaren estereotipoarekin bat egiten zutenak, gainera. Oro har, 80ko hamarkada nahiko garai kontserbadorea izan zen (Thatcher, Reagan), baina Espainiako Estatuan aurreko praktika guztiak ahaztu ziren, eta orain gutxira arte ez dira ikertzen hasi, 90eko hamarkadatik aurrera, batik bat. Artista hauen lanak ez zion mesederik egiten trantsizioaren kontakizun ofizialari. Inondik ere ez. Hain zuzen, hori izan da tesiaren ondorio garrantzitsuenetako bat. Praktika hauek ikuspegi berri eta zehar-lerrokodun batetik aztertzean, genero-ikerketak eta klasea ere kontuan hartuta, ikusten dugu eduki politiko indartsu bat daukatela eta zalantzan jartzen dutela Espainiako Estatuaren historia hegemonikoa, eta, bereziki, trantsizioaren kontakizun ofiziala, alegia, trantsizioak aurreko erregimenarekin hautsi zuela dioen kontakizun hori. Agerian uzten dute ez zela zinezko aldaketarik izan, aurrekoaren jarraipena baizik. Mexikoko UNAMen zaude orain, eta bertan idatzi zenuen tesiaren puska bat ere. Bai, 2013-2014ko ikasturtean hemen izan nintzen. Oso lagungarria suertatu zitzaidan, hemengo akademian lantzen ari direnak gako interesgarri asko eskaini zizkidalako, tartean, frankismo amaierako obra horiek ezberdintasunetik abiatuta pentsatzeko gakoa. Latinoamerika ezberdintasunetik pentsatzen da, daukaten kolonizazio-historia bortitzagatik. Frankismo garaian, Espainiako Estatua ere ezberdintasun-toki bat zen, ez baitzen Europa ez sinbolikoki, ez artistikoki, ez intelektualki. Han gertatu zena ezin da arte feminista anglosaxoiarekin alderatu, zenbaitzuek egin bezala.
news
argia-728934a998b1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/ajearen-aurkako-2000-urteko-erremedioa.html
Ajearen aurkako 2.000 urteko erremedioa
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-05-17 00:00:00
Ajearen aurkako 2.000 urteko erremedioa Oxirrinko (Egipto) hirian antzinaroko 500.000 dokumentu inguru aurkitu zituzten 1890ean. Papiroetako testuak pixkanaka itzultzen jarraitzen dute mende eta laurden geroago, eta Oxfordeko eta Londresko Collegeko adituek azken itzulpenen berri eman dute berriki. Duela 1.900 urte idatzitako testu batean ajearen aurkako erremedioa nabarmentzen da.  Alkohol gehiegikerien ondorioak arintzeko, gainera, ez zen ezer hartu behar; nahikoa zen "Chamaedaphne" ( Ruscus Racemosus L ) zuhaixkaren hostoz egindako lepokoa gainean  eramatea. Oxirrinkoko papiroetan beste errezeta asko bildu zituzten: hemorroideen aurkakoa, gangrena arintzekoa, haginetako mina saihestekoa... Baina ajearen aurkakoa izango zen ziurrenik praktikoenetakoa, edateko ur eskasiak eraginda, alkohola edatea beste erremediorik ez baitzuten izaten maiz.
news
argia-45c9fd641f2c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/midas.html
Midas
Edu Zelaieta Anta
2015-05-17 00:00:00
Midas Demagun, une batez, informazioa dela gaurko urrea. Barka, utzidazue zehatzago esaten: demagun informazioa kontsumituko duten pertsonen arreta lortzea dela gaurko urrea. Maiz hala aritzen baitira komunikabide nagusiak. Guregatik ari direla esango digute. Informatuak egoteko eskubidea aldarri hartuta, beharbada. Guregatik eta guretzat. Barka, utzidazue berriz ere zehatzago esaten: zeuregatik eta zeuretzat. Zeuk eskatu gabeko ehunka kontu azalduko dizkizute xehero-xehero. Momentuko berria zein den ere komunikabideek erabakiko dute. Hartara, kargu hartuko dizute lanean edota familia bazkarian ez dakizulako zer gertatu den: "Zein mundutan bizi haiz, baina?". Are gehiago, halako albisteetan tragedia eta drama ohiko osagai direnez gero, fribolotzat hartua izateko arriskua ere baduzu. Jakizu. Uhin nagusien kontrakarrean ibiltzeak, nahi gabe izanda ere, beti dakar prezioren bat. Midas erregearen mitoan bezala, komunikabideek ukitzen duten guztia urre bilakatzen da. Urregorri. Urrezuri. Urre ahaztu. Non dira orain Nepalez kontatu (ez) dizkizuten istorioak?
news
argia-91fe1232f4d1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/elkarri-eman.html
Elkarri eman
Jakoba Errekondo
2015-05-17 00:00:00
Elkarri eman Hamaika eratakoak dira loreak. Landarearen bizitzaren arrazoia laburbiltzen dute, eta bide eman. Landareak ugalketa du helburua eta horixe da lorearen izatearen arrazoia. Lorean gertatzen den bi sexuen arteko nahasketak fruitua ekarriko du, hazien edukiontzia, alegia. Nahasketa hori burutzeko ikertu, garatu eta diseinatu du espezie bakoitzak bere lorea. Milaka urteko lanaren emaitza bada ere, etengabe berritzen ari dira. I+G+B. Etorkizunean ere bere espezieko ondorengoak izango direla bermatzeko atergabeko egokitzea.  Landareak hartutako lan hori sinestezinezko emaitzak ematen ari da. Ikusgarrienetako bat lore-elkartuak edo konposatuak dituztenen familiakoa da. Ezagunenak bitxilorea ( Bellis perennis ) eta ekilorea ( Helianthus anuus ) izango dira. Margarita baten tankera duten loreak dira. Lore horiek benetan lore multzoak dira, infloreszentziak, botanikarien hizkeran. Konposatuen lore multzoak borobilak izan ohi dira, eta bi eratako loreak dituzte: kanpoko aldean kolore deigarria duten lore luzexkak –maite nau, ez nau maite, maite nau, ez...–, eta barruko aldea bete-bete osatzen duten lore ttikiak. Maite bagaitu edo ez, jar gaitezen erlearen tokian: hegan dabil, hara-hona, eta lore borobil ikusgarriak urrutitik antzemango ditu. Kanpoko lore horiek biltzen duten borobila, nora jo behar duenaren helmuga, arkulariari diana bezain argi azalduko zaio. Borobila ikusgarria egiten duten kanpoko lore horiek antzuak dira. Bere egin beharra beste loreetara erleak ekartzeko multzoa erakargarri egitea da: luzatu eta kolorez janzten dira. Antzutzeko prest daude, aldameneko loreak ernaldu eta haziak eman ditzaten. Konposatuez gain beste zenbait landarek ere erabiltzen dute estrategia hori: hortentsiak ( Hydrangea sp. ), Viburnum opulus gaukarraren senideek, eta abar. Lore batzuk erakargarri edo apeu soilak dira. Bereari uko, besteei emana. Elkar emana. Elkar hartzeko. Landareak hartutako lan hori sinestezinezko emaitzak ematen ari da, eta emango dituenak...
news
argia-1dcaeb089ec2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/behi-bi-blues.html
Baby, baby, behi bi
Joxi Ubeda Goikoetxea
2015-05-17 00:00:00
Baby, baby, behi bi Behi bi blues Gaizka Azkarate & Azkaiter Pelox Gaztelupeko Hotsak, 2014 Unai Azkarate Bergarako musikaria Fly Shit taldea utzi ondoren hasi zen Azkaiter Pelox moduan 2004an, blues, rhythm and blues, rock and roll eta beste zenbait doinu beltz lantzen. Azken urteotan hainbat disko kaleratu ditu, 2012an Zamburleiker 6.0 izenekoa, eta hainbat modutan aritu da jendaurrean: Azkaiter Pelox, Azkaiter Pelox Band, Azkaiter Pelox eta The Road Band –Carlos Ortiz eta Amaia Azpiazu musikariekin–, Mahaster River, Gaizka Azkarate & Azkaiter Pelox...   Hain zuzen, Gaizka Azkarate Soraluzeko gaztearekin osatu du Behi bi blues diskoa. Azkaratek harmonika jotzen du, Azkaiter Peloxek gitarra jo eta kantatu, eta kantuak Fredi Pelaez teknikariaren laguntzarekin grabatu dituzte Beasaingo Pottoko estudioan. Kantu gehienak Azkaratek eta Peloxek beraiek sortu dituzte, eta bertsio pare bat egin dute. Otis Reddingen Sittin'on the Dock Of The Bay kantuaren bertsioaren bidez Gipuzkoako Orioko itsas ertzera eraman gaituzte, eta Bap! taldearen Ez dut ezer esan nahi hardcore kantua modu akustikoan egin dute, beren erara. Blues doinuak dira, baina bluesaren giro malenkoniatsuari bizitasuna gehitzen diote eta ironiaz idatzitako hitzek irribarrea eragiten dute. Giro polita sortzen dute, azken batean. Azkaiterrek berak aitortu duenez, gai sakonen edo potoloen gainean hitz egin baino, nahiago dute xumeagoak diren beste gai batzuen edo gertakizun txikien inguruan aritu.   Bluesa maite dutela nabarmena da, ongi ezagutzen dutela. Doinu horiek jotzen eroso aritzen dira, eta aise egiten dute. Dena den, beren kantuek beste zenbait estiloren ukituak ere badituzte. Zerbait begian sartu zait eta Etxera bueltan kantuetan, esaterako, funk eta swing aireak suma daitezke. Etxera bueltan kantuan, hain zuzen ere, bidaiak dituzte hizpide. Azkaiterren hitzetan, Gaizka eta bera oso bidaia zaleak dira, eta bidaiek eskaintzen omen diete kantuak sortzeko inspirazioa. Azkaiter Peloxek eta Gaizka Azkaratek eskarmentua ez ezik, umorea, gatza eta piperra erakusten dute kantuak jotzean. Ausardiarekin, batere beldurrik eta lotsarik gabe aritzen dira, erraztasun handiarekin, eta musika tresnak ongi menperatzen dituztela eta ederki pasatzen dutela nabarmena da. Beren kantuak gustura entzuten ditut. Diskoan eta jendaurreko emanaldietan.
news
argia-68842b3ba577
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/goenkale.html
Euskarazko fikzioaren basamortuko oasia
Marijo Deogracias
2015-05-17 00:00:00
Euskarazko fikzioaren basamortuko oasia Hau ez da Goenkale-ren aldeko harenga, baina ETB1eko telesaila egon izan ez balitz, sortu egin beharko litzateke. Hasteko, ez dagoelako iraupen luzeko euskarazko beste fikziorik gure telebistan eta, bestetik, fikzio barik ez dagoelako bizitzaren antz handiena daukan errealitate asmatua euskaraz entzuteko aukerarik, hau da, ahozkotik gertuen dagoen euskararik entzuteko aukerarik. Zoritxarrez, ordea, euskaraz zegoen fikziozko serie bakarra bertan behera lagatzea erabaki du ETBk. 1994ko urriaren 3an eman zuen lehenengoz ETBk Goenkale serie fikzionatua, BBCk Galesko telebistarako ekoizten zuen Pobol y Cwm (Haraneko jendea) telesailari segika. Antzekotasunak badira bien artean: hizkuntza gutxitua, herri txiki bateko istorioak, eta telebista publikoan hiztun komunitate zehatz bati zuzenduta. Aldiz, ez dago hain argi galestarren artean ere telesaileko hizkuntzaren inguruan eztabaidarik izan zen. Nork ez du entzun, edo esan, Goenkale -n hitz egiten den moduan ez dela inon berba egiten? Edo, arraldetarren berbakera ez dela naturala? "Horiek topikoak izaten dira, ezinezkoa da kaleko hizkuntza erabiltzea telebistan; hara dihoana ikasitako testu batekin doa beti eta kalekoa inprobisazio hutsa da", dio Jose Luis Aranguren Txiliku -k, Goenkale -n platoko gidoi arduradun eta zuzentzaile izan denak azkeneko bederatzi urteetan. Orduan zein erreferentzia erabiltzen dira bada, horrelako baieztapen borobilak egiteko? Bea Zabalondok, EHUko irakasle eta Goenkale -ko elkarrizketa-sortzaile izandakoak, argi dauka: "Inongo telebistan ez da hitz egiten kalean hitz egiten den bezala; ez dakit zergatik jartzen ditugun antiojo bereziak euskarazko telebistarako eta euskarazko fikziorako. Nire inpresioa da oso espainolak garela, oso ondo menperatzen dugula espainol mundua, baina gero euskarara etortzen garenean, galdu egiten dugula pertzepzio hori". Goenkale egiteko erabakia hartu zenean ere, kezka hori bazen. Alegia, "euskara ibilbide oso laburra egina zen ikus-entzunezkoen munduan, zaila gertatzen zen euskal hiztunen hizkeraren eta telebistak hiztun horiei eskaintzen zien euskara-ereduaren arteko identifikazioa lortzea". Holaxe jasota utzi zuen Anjel Lertxundik Goenkale hamaseigarrenean ari zela osatu zuten Sutondo berria txostenean. Hasierako taldeak nahi zuen "jendeak ia oharkabean jasoko zukeen hizkera naturala" lortzea. Erabaki zuten "garatzen ziren kontakizunen araberako tonuak lantzea". Lan horretan bertan esaten denez, "aktoreak batuan jardun arren, ereduak bazuen zerbait hurbileko bihurtzen zuena, zerbait hori liburuetako eredu zurrunetatik urrutiratu eta kalera irten izanak zekarren, seguru asko". Helburu horrekin aritu dira lanean hasieratik, Zabalondok gogoratu digun moduan, hizkuntzak ahozkoak baitira, "ez dezagun ahaztu". "Oinarria beti izan da elkarrizketa eta helburua, ahozkoa", Txilikuk dioenez. Euskal Herri osorako produktua sortu behar zuten eta "ahal zela, hizkuntzaren aberastasun guztiak ateraz". Horrek, ardura handiz jokatzera behartu ditu elkarrizketa-sortzaileak, baita hitanoaren formak zaintzera, eta euskalki guztiak egon zitezen kontuan izatera ere. Nola osatu hortaz, Iparraldean eta Hegoaldean, bizkaieraren eremuan eta gipuzkerarenean, euskarazko elkarrizketa natural eta sinesgarriak? Onartuta hizkuntzak joan behar duela interpretazioaren mende eta pertsonaiaren mailan. Horixe dio Txilikuk. Inportantea Goenkale -n erregistroa dela-eta pertsonaia batek eduki behar dituela, testuinguruaren arabera, erregistro diferenteak. "Aldaketa hori da interesantea". Alegia, "pertsona bat ezin duzula izan behartutako hizkuntza bat egiten luzaro. Bizkaitarra bada, bizkaitarra da; ama bizkaitarra badauka eta alaba zera baino gipuzkoarragoa, agerian geratzen da". Eta Goenkale -k zerbait erakutsi badu izan da hainbat pertsonaia erregistro diferenteak erabiltzeko gai direla eta balio izan du, Zabalondok azpimarratzen duenez, "ikusteko gure hizkuntzaren aberastasuna noraino iritsi daitekeen erregistroetan eta fikzioa egiteko balio duela". Hala, hainbat eta hainbat esamolde jaso dira Goenkale -tik. Maria Luisarenak, akaso, gogoangarrienak, baina hitanoa erabiltzen ere asmatu zuten. Txapasen pertsonaia "Hori egina zagon!" esaten hasi zenekoa iraultza izan zen telebistan. Egin kontu: 206. atalean Iker izeneko pertsonaiak esaldi horixe erabili zuen batean, Txapasek berak zera bota zion: "Hi, esaldi hori erregistratuta zagok... nire-nirea duk!". Ezezaguna zen tratamendu modua Euskal Herri osora zabaltzea lortu du Goenkale -k bai eta euskalkietako lexikoa ezagutzera eman ere. Eta, horrek, EHUko irakasleak dioen bezala, balio izan du Euskal Herri osoko gazteek beste leku batzuetako euskarak ikus ditzaten, "euskara diferenteak bisibilizatzeko". Bat dator horretan Leire Narbaiza euskara irakaslea ere. "Ikasleei hikako formak entzuteak balio izan diete, hasteko, existitzen direla jakiteko, eta era berean, erabileraren beldurra kentzeko". Goenkale -ren aurretik egin ziren fikziozko beste serieak ere gogoan ditu Narbaizak, Bi eta bat eta Hau da hau , adibidez. "Kaleko hizkera edo euskalkietatik gertuago" zeuden, baina zerabilten euskara oso zurruna zela dio, "oso literarioak esamoldeak, oso urrunekoa, beste euskalki batetik abiatuta baleude bezala. Oso ahozkoa egin nahi zuten, baina oso idatzizkoa zen, modu batera esanda, oso liburu". Goenkale -k, berriz, "eragin handia izan du, espresio asko zabaldu ditu eta, euskara maila desberdinak erabili izan ditu eta hori lagungarria izan da, adibidez, B mailako ikasleak erakartzeko, trama jarraitzen laguntzen zielako, adibidez, Leonor batek gaztelaniaz". Euskara irakaslearen iritziz , "beti izan da eraginkorra, eta batez ere erreferentziala zeren ez dago fikziorik euskaraz". Basamortua eta pobrezia Narbaizak azpimarratu duen horixe larria da oso; izan ere, Txilikuk dioen bezala, "euskarak betetzen ez dituen tarteak beste hizkuntza batek okupatzen ditu eta momentu honetan ez daukagu besterik euskal telebistan". Are, 2005ean Zabalondok ikerketa lan bat egin zuen non ikusi zuten gazteek jotzen zutela kate espainiarretara euskaraz ez zutelako topatzen eurentzako fikzio egokirik. "Oso nabarmena da, oso sintomatikoa, marrazki bizidunekin hazitako gazteei entzutea esaten eurentzat Doraemon eta Shin Chan euskaraz direla, hau da, beraien lehenengo errepresentazioa euskaraz dela". Baina "marrazki bizidunetan hazitako gazteek gero ez dute jarraikortasunik izan eta eten horrek paralizatu egiten ditu, baita zinema euskaraz ikusteko ere". EHUko irakasleak dioenez, ez gara ohartzen "euskaraz ikusteko ohitura falta horrek zelako faktura ekartzen digun". Bere ustez, transmisio kate horretarako gaur eguneko tresnak jarri behar dira: "Fikzioa da garrantzitsuenetako bat eta euskaraz hutsunerik handiena dagoen eremua da". Bada, gainera, beste faktore bat, Txilikuk eta Zabalondok biek ala biek azpimarratu dutena. Euskaldun berrientzat edo eskolan euskaldundu direnentzat euskarazko fikziozko serieek egiten duten transmisio lana. Izan ere, etxetik euskara jaso duenarentzat eta euskaraz bizi denarentzat natural sartu daitekeen erregistro multzoa izanik, "eskolan euskaldundutakoak diren eta erregistro akademikoa bakarrik dutenentzat euskara entzun eta jasotzeko bidea da ikus-entzunezko fikzioa eta hori da behar dena, euskara ez baita bakarrik akademikoa". "Egin kontu –diosku Txilikuk–, euskaldunen %40 badira ama hizkuntza euskara ez dutenak, non entzungo dute erreferentziala izango zaien euskara? Hori fikzioak landu behar du, irratiak eta telebistak egin behar dute. Entzunaz bakarrik dago bizirik hizkuntza!". "Bizitzaren antzik handiena daukan errealitate asmatua, idatzizko interpretatua da fikzioa. Eta gu pobre gaude alde horretatik", azpimarratu du Txilikuk. Datu base osoa ikerketarako Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuak, 2011n, Goenkale -ren elkarrizketekin corpusa osotzea erabaki zuen. 2011ra arteko 805.796 hizketaldi biltzen ditu, ordura arte ETB1ek eman zituen 2.418 atalak. Egunotan, datu basea eguneratzekoak ei dira. Lanerako tresna ezinbestekoa da Goenkale -ren corpusa. Txilikuk dioenez, "ez dakigu zer hizkuntza daukagun landua. Bikoizketan egin den lan guztia ez dago inon jasota eta erreferentziak galduta dauzkagu". Egindako lan horri jarraipena ematea dagokigu: ikerketa arloari corpusarekin lan egitea eta telebistari euskarazko fikzioak sustatzea. Zabalondok dioen bezala, "euskaraz bizi nahi badugu, erabilgarria izan dadila, jar dezagun hori ikusgarri eta entzungarri. Euskal telebista publikoari tokatzen zaio euskarazko fikzioa egitea eta bideak jarri beharko dira horretarako". 1994an ausartu ziren erronka guztiei aurre egiten, artean telebistako profesionalik apenas zegoela. Gaur egun egoera guztiz bestelakoa da, eta Goenkale -k, eta aurretik egin ziren euskarako fikziozko beste serieek, erakutsi dute bidea. Ez dadila alferrik galdu egindako lan eskerga. Txapasek zioen bezala, zailena "egina zagon" eta!
news
argia-2dbb2de08812
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/baterien-alorrean-aro-berria-hasi-da.html
Baterien alorrean aro berria hasi da
Joxerra Aizpurua
2015-05-17 00:00:00
Baterien alorrean aro berria hasi da Apirilaren 30ean, Tesla ibilgailu elektrikoen konpainiako Elon Musk-ek Powerwall izeneko bateria aurkeztu zuen, eta horrekin batera energi gordailuen alorreko lasterketari hasiera eman zion. Iragarpen garrantzitsua izan zen energi bilketari dagokionez, zalantzarik gabe. Etxe osoa energiaz hornitzeko moduko bateriez ari gara. Muskek ez zuen bateriaren ezaugarri teknikoen berri eman, oinarrian gure smartphonetako litio-ioizko pilen antzekoa dela besterik ez zuen esan. Teslak eguzkiaren indarra metatu nahi du baterietan; horretarako, Nevadan (AEB) duten lantegi erraldoian energi metagailuak eraikiko dituzte. Metagailu horiek hormetan txertatzen dira, eta 1,30 metroko altuera, 86 zentimetroko zabalera eta hamazortzi zentimetroko sakonera dute. Oraingoz, zazpi eta hamar kWh-ko ereduak landuko dituzte, eta hurrenez hurren 3.000 eta 3.500 dolarren truke saldu. Nahi adina bateria elkarrekin lotuta jar daitekeenez, eraikin oso baten berokuntza sistema presta daiteke era horretan. Eguzkiarenaz gain, edozein iturritako energia metatzeko gai izango dira bateria berriak. Eta aukera emango dute, besteak beste, energia merkeago eskaintzen den uneetan soilik kargatzeko. Lasterketa hasi egin da honenbestez, eta seguruenik Teslak berak edo beste enpresa batek bateria txikiagoak, merkeagoak eta ahalmentsuagoak aurkeztuko ditu luze gabe.
news
argia-a968dfdca49a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/erabakitzeko-eskubidea-autodeterminazioa.html
Erabakitzeko eskubidea & autodeterminazioa
Ainhoa Larra�aga
2015-05-17 00:00:00
Erabakitzeko eskubidea & autodeterminazioa Asko gara Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen inguruan sortu, garatu eta hedatu den ildoak piztu duen ilusio berriaren baitan, galdera bati erantzun nahian informazio eta formazio bila ari garenok. Bi eskubideon artean dagoen anabasa argitze aldera beraz, horra begitandu zaizkidan ideia gakoak: Erabakitzeko eskubidearen gakoa da, demos batek (demokrazia batean bozkatzeko eskubidea duen pertsonek osatutako subjektu batek) hauteskunde batzuetan gehiengoa lortuz edozein gauza erabaki dezakeela. Bere burua demokratikotzat duen estatu bateko herritarrez ari da. Ondorioz, sistema demokratiko batean gaudela onartzen dugu. Aldiz, herri okupatua garela onartzen badugu, ezin ditugu zapaltzen gaituzten estatuak demokratikotzat hartu eta okupatzaileari ezin diezaiokegu gure askatasunaren gaineko erabakimenik eman. Okupatzailearekin batera bozkatzea onartzen dugu, eta askatasuna gure etorkizunerako aukera bat baino ez da. Autodeterminazio eskubidean kontrara gertatzen da eta Nazioarteko Komunitateak aitortzen du, herri zapaldu guztiek dutela autodeterminaziorako eskubidea. Herri guztiek, zein gobernu mota nahi duten  aukeratu, garapen ekonomiko, sozial eta kultural propioa bilatzeko eta antolaketa propioa sortzeko eskubidea dute. Eta herriak definitzen ditu esanez direla: beren nortasunaren kontzientzia dutenak, berena uste duten lurralde bati atxikiak eta zuzenki edo zeharka kontrolatzen dituzten baliabide eta energiak erabiliz beren beharrak betetzen dituzten gizatalde antolatuak. Herriaren existentzia onartzen da eta askatasuna da aukera bakarra; askatasuna ez da eskatzen, gauzatu egiten da. Kasu horretan baina, indarrik eta estrategia argirik ez badago, etsaiak, autodeterminazio eskubidea, manipulatutako demosaren zati bati eginiko inposaketa bezala aurkeztuko du eta ondorioz, demokratikoa ez dela esango du. 1512an euskaldunoi antolakuntza politikoa biolentziaren bidez lapurtu ziguten, ordutik ez gara demokrazian bizi eta Benito Lertxundik dioen moduan: herri bateko independentzia ez da bozkatzen. Estatuen makinaria oso indartsua da (hedabideak, intelektualak, beldurra...). Menpeko egoeran ezin da erreferendumik irabazi eta askatasuna edo esklabutza ez dira bozkatzen. Zer dago esklabutza baino gogorragorik?
news
argia-bbfbd3f1af5d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/burutik-kendu-ezin-dugun-abestia-ezabatzeko-txiklea.html
Burutik kendu ezin dugun abestia ezabatzeko, txiklea
Joxerra Aizpurua
2015-05-17 00:00:00
Burutik kendu ezin dugun abestia ezabatzeko, txiklea Gehienoi gertatu zaigu abesti bat pare aldiz entzun eta burutik ezin kentzea hainbat orduz... edo egunez. Berriki, Reading-eko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikerlariek saiakera egin dute boluntario talde batekin, eta garbi ikusi dute txiklea murtxikatzeak buruan dugun horretaz "askatzen" laguntzen duela.    Momentuz musikarekin baino ez dute proba egin, baina uste dute emaitza bera lor daitekeela beste edozein pentsamendu obsesiborekin. Eta txiklea edozein izan daiteke. Azukrerik gabekoa ere bai.
news
argia-c16c91cea46f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/peter-fink.html
Zestoako Osinbeltz berreskuratzeko artea
Itsaso Zubiria Etxeberria
2015-05-17 00:00:00
Zestoako Osinbeltz berreskuratzeko artea Zestoako Osinbeltz harrobia berreskuratzeko proiektuaren diseinatzailea da Peter Fink (Londres, 1948). Paisaiaren arkitektoa eta ingurumen diseinatzailea da, eta antzeko lanetan aritua bezain aditua. Gipuzkoako hondakinak tratatzeko Zubietan eraiki asmo den TMB plantatik ateratako materia inertizatua biltzeko gordetegiaren proiektua Zestoako Osinbeltz harrobian egiteko aukera dago. Horrela aurkeztu zuten Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014ko azaroan. Proiektua Zestoan egiteko erabakia herritarren esku utzi dute eta galdeketa egingo da, baina bitarte horretan parte-hartze prozesu bat jarri dute martxan, zestoarren esku ahalik eta informazio gehien jartzeko ahaleginetan. Fase honetarako gonbidatu dute Peter Fink. Hamar bat egun pasa ditu Urola Kostan Osinbeltz koloreztatuko duen diseinatzaileak, eta tarte txiki bat hartu du ikusi eta aditu duenaz hausnarketa gurekin partekatzeko. Zer ikusi diozu Osinbeltzi, proiektua onartzeko? Jendea zalantzati dago, eta gustatzen zaizkit horrelako egoerak. Proiektu hau ez da soilik ingurumena berreskuratzea, herritarren identitatea eta espiritua indartzea ere bada. Jendarteari egoera sozioekonomiko zaila bizitzea tokatzen ari zaio, eta mesfidantza dakar horrek. Askotan ez da jakiten nondik askatuko den korapiloa, baina horrelako proiektuek lagundu dezakete pauso horietan. Nik artea galerietako lau paretetatik at ulertzen dut, jendeari eskaintzeko, emateko, laguntzeko zerbait bezala; eta horixe da Osinbeltzeko proiektua. Hainbat bilera egin dituzu zestoarrekin herrian izan zaren bitartean. Ikasteko ireki egin behar da. Proiektu bakoitza mundu bat da, mundu horretan jendea bizi da, eta mundu horrek funtzionatzea nahi baduzu herritarren hitza kontuan hartu behar duzu. Nik herriko ekosistemaz ezer ere jakin gabe proiektu chic bat ekarriko banu, chic izango litzateke bai, baina ez luke balioko. Pixkanakako ibilbidea da. Herritarrei entzun egin behar zaie, leku horrekin duten harremana ulertu, sentipenak azaleratzen lagundu. Eta hortik abiatuta osatuko dugu guztion artean egitasmoa. Hori izan da aurreneko bisitaren helburua: lehen harremana. Eta zer da lehen harremanean jaso duzuna? Asko gustatu zait euskaldunek "gure" kontzeptua erabiltzeko duzuen joera. Jendartearen izaera erakusten du. Bilera hauetan oso jarrera desberdinetako herritarrak ezagutzeko aukera izan dut, eta nire eginkizuna da horietako bakoitzari Osinbeltzen bere tokitxoa ematea. Bilera batean tokatu zitzaidan hasieran kontrako jarrera adierazten zuen lagun batekin hitz egitea. Meategiak interesatzen zitzaizkion berari, eta ez zuen horrentzat lekurik ikusten. Interpretazio zentro baten adibidea eman nionean piztu zitzaion argia, eta hortik aurrerako eztabaida askoz ere errazagoa izan zen. Bere sentitu zuen proiektua. Esan bezala, hau prozesu bat da eta bakoitzak bere denbora behar du. Turismoari bakarrik begiratu gabe, herritarrentzako gune bezala ikusten dute askok, irekia, naturarekin harremanetan jarriko dituena, edo inguruko mendi, meategi ala kobazuloekin lotu ahal izango dena. Elementu bakoitza koadro osoa pintatzeko kolore bat da, eta beharrezko pintzelada guztiak eman nahi dizkiot. Zestoakoa bezalako proiekturen batean lan egin duzu inoiz? Londresen egin genuen Northala Fields parkearekin badu berdintasunik Osinbeltzek. Hura obra-hondakinekin eta materia inertizatuarekin berreskuratu zen, Zestoan Zubietako TMB plantatik ateratako materiarekin egin nahi denaren antzera. Kareharrizkoa da harrobia. Horrekin arazorik? Ez dut uste. Zubietako plantatik materia behar bezala tratatuta badator ez da arazorik egongo. Harrobia iragazgaitzeko sistema oso bat prestatuko dute, Bad Kissingengo (Alemania) kareharrizko harrobi batean erabilitako bera. Zestoakotik bezala, Alemaniako harrobi honetatik gertu ibaia pasatzen da, eta ingurumena errespetatzen duen eredua da. Harrobia hamabost urteren bueltan betetzeko asmoa dago. Epe nahiko laburrean zestoarrek berreskuratuta ikusi ahal izango dute Osinbeltz. Eta abantaila nagusietako bat da Udalak berak ez duela inbertsio ekonomiko txikienik ere egin beharko, kanpoko kapitala bideratuko baita horretarako. Ez hori bakarrik: harrobia betetzeko beharko diren urte horietan guztietan diru-sari zuzena izango du herriak, eta ondoren ere zeharkako sari ekonomikoa indartuko da (dela turismoa, dela ikerketa…). Dagoeneko izango duzu proiekturen bat buruan, ala? Estrategikoki leku aproposa da Zestoa, mendia eta kosta baitauzka elkarren ondoan. Lehendik ere ezaguna da kulturarekin, ingurumen edertasunarekin edo historiarekin duen loturagatik; eta Osinbeltzen berreskurapena indargune bat gehiago izan liteke ikuspegi horretatik. Azken irudia nolakoa izango den zehaztu gabe ere, prozesuaren lehen fase honetan imajinatu ahal izan dut ze esentzia har dezakeen euskal identitatea, kultura eta baloreak oso presente dauden gune honek. Herritarrek eta bisitariek XXI. mendean euskal ohiturekin harremana mantentzeko txoko bat eduki ahal izango dute; ingurumena kontuan hartuta beren herrialde berdea mantendu beharreko lekua dela ikasi edo baloratzeko leku bat izan daiteke; eta euskaldunek horren barruan daukazuen "etxea"-ren kontzeptua kanpotik datorrenari transmititzeko aukera ere izan daiteke, "munduak darraien bitartean etxea zutik mantentzea".
news
argia-90e89c649edc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/utzi-erregaiak-lurpean-beranduegi-izan-baino-lehen.html
"Utzi erregaiak lurpean", beranduegi izan baino lehen
Pello Zubiria Kamino
2015-05-17 00:00:00
"Utzi erregaiak lurpean", beranduegi izan baino lehen Londresko The Guardian egunkariak bere ildo estrategikoen artean lehenetsi izanak oihartzun berezia emango dio "Keep it in the ground" (Utzi erregaiak lurpean) kanpainari. Dagoenekoz nozitzen dugun klimaren berotzea katastrofikoa gertatu ez dadin, petrolio, gas eta ikatza erauzten dituzten konpainietatik dirua ateratzea sustatzen du. Bilioika dolar balio duten erregaiak daude lurpean bertan utzi behar ditugunak geure on beharrez". Alan Rusbridger zuzendariaren esaldi horretan laburbiltzen da The Guardian egunkaria lerro estrategikotzat lantzen hasi den " Keep it in the Ground " kanpaina, paperean artikulu eta erreportaje sakon zabalez eta interneten multimedia aberatsez hornitua. "Alan Rusbridger zuzendariak borrokarako deia egin dio taldeari eta desafioa ipini: 'Klimaren aldaketaz informazioa egiteko modu berririk aurkitzeko gai izango ote zarete?' Azaldu die munduan kontatzeko dagoen gertakizunik garrantzitsuenaren aurrean gaudela eta dagoenekoz ezagutzen ditugun erregai fosil gehienak lurpean utzi beharra daukagula. Sei hilabetetan lortuko al dute irakurleak konprometitzea bide horretan?". The Guardian en lehenbiziko idatzi handietakoa izan da Naomi Kleinen azken liburuaren (" This changes everithing ", Honek dena aldatzen du) sarrera. Bertan Kleinek, aitortu ondoren klimaren aldaketari luzaz behar baino garrantzia txikiagoa eman diola, irakurlea jartzen du aldaketa historiko baten aurrean: klimaren berotzeak dena aldatuko du, baina hori eragozteko edo gutxienez zerbait kontrolatzeko hartu beharreko erabakiek ere dena aldatu dezakete, politikan bezala ekonomian edo mundu mailako justizian gauzak egiteko modu hobeak sortuz. " Keep it in the Ground " kanpainaren inspirazio iturri nagusia da AEBetan Bill McKibben ekologistak 2012an abian jarritako 350.org mugimendua. Milioiko 350 karbono zati – 350 parts per million –, kopuru hori ezarri zuen mugatzat NASAko zientzialari James E. Hansenek 2007an: Lurraren eguratsean hori baino karbono gehiago egoteak markatzen du bizitza gaur ezagutzen dugun moduan iraun ezin izatea. 1988an gainditu zuen Lurrak 350ko kopurua, gaur 400 inguruan gabiltza. 350.orgek ezer baino lehen kontu zehatzak ateratzea proposatzen du (" Do the maths "). Gakoa: erregaiak ekoizten dituzten konpainiek beren erreserbetan dauzkatela munduak kontsumitu beharko lituzkeen erregaiak bider bost.  Ondorioz, lortu beharra daukagula horien %80 lurpean uztea. Hiru zifra xumek azaltzen dute zergatia. Hasteko, 2ºC: munduko gobernu gehienek onartzen dute arriskutsua izango dela klima 2 gradu baino gehiagoz berotzea eta dagoeneko 0,8 berotu dugu, espero ziren baino ondorio latzagoak eraginez. Artikoak galdu du udan eduki ohi zuen izotzaren herena, itsasoaren azidotasuna %30 handitu da, nabaritzen dira eraginak uholde eta lehorteetan. Bigarren zifra: 565 gigatona. Gehienez, erregai-karbono kopuru hori kontsumitu dezakegu tenperatura 2ºC baino gehiago igo gabe. Gehiegi erretzen dugunaren inertziaz 0,8ºC gehiago berotuko dugu seguru. Gehituz dagoenekoz berotutako beste 0,8ºC, bi graduen helmugara iristeko bidearen hiru laurdenak korritu ditugu. Hirugarrenik, 2.795 gigatona. Erregai putzu hori daukate erreserbatan bere jabe diren enpresa eta estatuek. Urtean 31 gigatona kontsumitzen ari garenez, 16 urtetan errea izango dugu Lurra 2ºC-z berotzeko adina. Horra nola heldu garen gizakiok ataka gaitzera.            Gure dirurik ez petroliozaleei Berandu da. Bill McKibbenk mezu katastrofista aspaldi eman zuen, 2007an Warning on Warming (Beroketaz ohartarazten) plazaratuta. Urteotan munduko agintariek lehengo bidetik segitu dutenez, orain berandu da beroketa gelditzeko. Kaltearen zati handi bat martxan dago, ikusten ari gara urtetik urtera larriagotzen. Orain jokoan dagoena da beroketa ez suertatzea erabat katastrofikoa. Horregatik sartu da kanpainan. AEBetako hiri guztiak korritu ditu autobusez herritarrei proposatzeko dirua atera dezatela erregaiak ekoizten dituzten konpainietatik: " Divestment ". Erregaien ustiapenarekin zerikusirik daukaten konpainietan eduki ditzakegun aurrezki edo inbertsioak saldu eta ixtea. Amerikar unibertsitateetan hasi dira presio egiten, inbertsio horiek eteteko. Udal eta lekuko administrazioekin ere ari dira, eliza eta beste elkarteekin bezala. "Ez du zentzurik inbertitzea konpainia horietan edo dirua uzten dieten pentsio funtsetan, mundua hondamendira daramaten horien eskuetatik erretiratu behar ditugu diruak. Erregai fosiletan ari diren konpainiok ez ditu ezerk mugiaraziko diruak ez bada. (...) Horrela amaitu zuen munduak Hego Afrikako apartheid sistema, horrela espero dugu gertatzea klimaren krisian". Ametsez ez, helburu praktikoez arduratzen da McKibben: "Kostatu zait konturatzea borroka hau ez dela sekula erabakiko justiziaren edo arrazoiaren zelaian. Eztabaida irabazita daukagu, baina hori ez da garrantzizkoena: borroka gehienak bezala, hau ere botere borroka da". Eta Europara iritsi da. Gogoratzen Yasuni erreserbarena, Ekuadorren? Orain, erregaiak lurpean uzteko proposamena ez da dagoenekoz ekologista, indigenen maitale edo ezkertiar utopikoen eskaria. " Keep it in the Ground " kanpainari aparteko bultzada emango dio Europan The Guardianek bereganatu izanak. Baina kazetaritzak orain arte ez du asmatu klimaren krisia gizartearengana helarazten, zuzendariak aitortu duenez: "Kazetaritzak atzera begirako ispilu moduan jokatu ohi du. Nahiago dugu gertatu denaz aritzea, aurrean daukagunaz baino. Hobesten ditugu gertakizun berezi eta denen bistan daudenak, egunerokoak eta ezkutuan direnen gainetik". Egia da jazotzen ari direla gauza oso bereziak, baina mantsoegi  gertatzen dira, edo kazetarientzako ikusezinegiak dira, lanera bidean berripapera leitzen duen irakurle presatuarentzako. Horregatik, oso gutxitan da lehen albiste Lurraren klima krisia. Aldaketak azkarregi ari dira gertatzen gizakiaren ongizatearentzako, baina mantsoegi kazetari eta irakurleentzako. The Guardian eko zuzendariak laburbiltzen du kanpaina: "Datorren eztabaidan bi gauza daude jokoan. Bat, edo gobernuak gai dira arazoa kontrolatzeko, edo bestela hasten dira prebenitzen mendea bukatzerako 2ºC baino gehiago berotzearen ondorio ikaragarriak. Bi, ea nola eragotzi diezaiekegun planetako ikatz, gas eta petrolioen jabe diren korporazio eta estatuei horien ustiatzeko aukera. Erregaiok lurpean utzi behar ditugu". Hasteko, egunkariaren diruak funts horietatik ateratzeaz gain Bill eta Melinda Gatesen fundazioari gauza bera egitera behartzeko sinadura bilketari ekin diote.
news
argia-75c62b829a59
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/julia-monge-intxorta-1937-elkarteko-kidea.html
"Emakumearen borroka gerra denboran erresistentzia totala izan da"
Miel Anjel Elustondo
2016-02-21 00:00:00
"Emakumearen borroka gerra denboran erresistentzia totala izan da" Iragan abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, ekitaldia Gasteizko lehendakaritzaren egoitzan René Cassin sariaren karietara. Frankismoaren krimenen kontrako kereilaren Euskal Plataforma da saridun. Lau lagun igoarazi dituzte oholtzara. Tartean da Julia Monge Sarabia. Erakusketa prestatzen ari zarete Intxorta 1937 elkartean. Bai. Iaz gudari eta milizianoei omenaldia egin genien Elgetan, apirilean. Ustekabean, txiletar batekin egin genuen harremana, Mauro Saravia. Hura, bizirik geratzen diren gudari eta milizianoak topetan zebilen, argazkiak ateratzeko helburuarekin. Gu, berriz, elkarrizketak egiten ari ginen gudari eta milizianoen artean. Gure indarrak batzea pentsatu genuen, eta halaxe egin genuen. Bizkaiko Batzar Nagusietara jo, Ana Otaduirekin egon, gure asmoa azaldu, eta laguntza txiki bat eman digute. Orain, martxoaren hasieran, erakusketa egingo dugu Bilbon, eta ondoren, beste zenbait lekutan ere erakutsiko da. 27ren bat pertsonaren argazki eta biografia laburrek osatuko dute erakusketa. Aurten, berriz, emakumeak omenduko ditugu, haien testigantzak batzen ari gara, haiei argazkiak ere egiten, hurrengo urtean emakumeei eskainitako erakusketa egin ahal izateko. 2012an egin zenuten dokumentala ez da abiapuntu kamutsa: "Arrasate 1936: emakumea, gerra eta errepresioa". Arrasaten ez ezik, Bergaran, Aretxabaletan eta Oñatin ere eginak ditugu dokumentalak. Beste bat ere bai, Intxortari buruz oro har ari dena. Kontua da gizonezkoen egitekoa askoz ere ikusgarriagoa dela: bateko batailoia eta besteko konpainia, gerrako borrokan. Emakumearen borroka bestelakoa zen, baina borroka, hala ere. Horixe adieraziko dugu aurten Elgetan. Omendu nahi ditugun emakumetako batzuk hilda daudenez, beraien senideen bidez jasoko dute omenaldia. Jakina, adineko jendea. Bai horixe! Lehengo batean, Toulousen izan gara, emakume batekin hizketan. Teresa Nadal du izena. Aita sozialista zuen, eta Bilboko udal zinegotzia gerra baino lehen. 1934ko iraultza tarteko, preso hartu zuten. Aita kartzelan zela, 1935ean Teresa Medikuntza ikasketak egiten hasi zen Zaragozan. Ehun ikasle baino gehiago omen ziren, eta hiru besterik ez, andrezkoak. Lehenengo ikasturtea egin, oporretan Bilbora itzuli, eta uztailean, gerra. Ez zen Zaragozara itzuli. Gerra, eta aita kartzelatik atera zuten amnistia legea baliatuz. Teresa berriz, boluntario joan omen zen erizain. Berak esan ziguna: "Medikuntzako lehen urtea egin bai, baina medikuntzaz ezer ere ez nekien!". Kanpaina-ospitalea jarri zuten Bilboko zezen-plazan, eta hantxe jardun omen zuen Teresak, kirofanoan, beste zenbait lagunekin batera. Berak dioenez, zauritu larriak eta jende "esanguratsua", eraman omen zuten hara. Bilbo jausi zenean, Santanderrera Teresa, gurasoekin. Handik, Frantziara; gero, Kataluniara; hurrena, atzera Frantziara. Eta senarra izango zuena ezagutu zuen, hau alemaniarrengandik ihesian zetorrela. Hala Teresa nola gizona, biak gerratik ihesi. Horixe esaten zuen Teresaren seme Albertok. Gaztelaniaz primeran hitz egiten du, amak gaztelaniaz hazi zituelako, alderdi honetara laster itzuliko zirelakoan. Frantzian bizi izan da beti. Odisea. Bada, Frantziatik Marokora joan ziren, lana tarteko. Handik, Aljeriara, non bertako gerrak harrapatu baitzituen. Umeak ere hazten ari zitzaizkien, ikasteko adinean, baina ikasteko modurik ez, eta Frantziara itzultzea erabaki omen zuten. 98 urte Teresak, eta Elgetako omenaldira etortzeko ideia dauka. Emakumea lehenengo planora ekarriko duzue Elgetan aurten. Horixe da gure asmoa, lehenengo planora ekartzea. "Guk ez dugu ezer egin!", zenbat aldiz entzun behar izaten ote dugu. Besteetan, beste inoren testigantza ematen dute, beraiek jasan zutena kontatu gabe, edo garrantzia eman gabe. Egia da batzuek aita edota anaia galdu zutela gerran, fronteko borrokan, baina haien heriotzaren ondorioak eurek jaso zituzten, bizirik geratu zirenek. Hala ere, besterena baloratzen dute, norberarena barik. Inor etxera etorri, aita hartu, kanposantura eraman eta paretaren kontra hiltzea izugarria da, baina bizirik geratzen direnen estigma hor dago: "Gorriaren andrea… gorrien seme-alabak…". Eta, jakina, ezin ezer esan. Isil-isilik, umeak aurrera atera eta kito! Kontatzeko garaian, besterena kontatzen dute, besteri gertatu zitzaiona, eurek sufritu zutena barik. Zenbaitek ez du kontatu nahi izaten. Gertatu izan zaigu, behin baino gehiagotan. Inoiz, testigantza jasotzeko ordua adostu eta, azken orduan, ezetz. Gogoan daukat kasu bat, andreak baietz esan, bizitakoa kontatuko zuela, eta haren semearen ilusioa! "Oso-oso isilik gorde ditu horiek denak, eta orain, ia-ia 100 urte, eta kontatu egingo ditu. Poz ematen dit". Bezperan, gaixotu egin zen emakumea, buruan larria sartu zitzaion, eta… ez zuen kontatu. Kasu horietan guk beti errespetatzen dugu inoren erabakia, testigantza galdua gorabehera. Batzuek beti kontatu izan dute iragana. Beste batzuek tabu izan dute. Eta badira nagusitan kontatzen hasi direnak, zahartutakoan. Teresa Nadalen kasua da. Haren seme Albertok esan zigun: "Oraintxe hasi da gure ama ordukoak kontatzen". Zertan da hartzailearen jarrera? Aintzakotzat hartzen ditu jende adin handikoaren lekukotasun berbak? 2012an, Arrasateko emakumeen gaineko dokumentala egin genuenean, aurkezpena egin Amaia antzokian –lehenengo, euskarazko proiekzioa; ondoren, omenaldia; gero, gaztelaniazko bertsioa–, jendea hunkituta zegoen, guztiz. Baina konturatzen gara gazteek, oro har, ez diotela behar besteko garrantzirik ematen. "Aitaita-amamen kontu zaharrak!", esateko moduan. Desprestigio modu bat edo. Ez gara konturatzen bene-benetako gertaerak izan zirela, benetako haustura. Errepublikaren hezkuntza ereduak aurrera egin izan balu, adibidez, orain baino askoz hobeto egongo ginateke. 40 urte egon gara zapalduta, ezer egiteko aukerarik gabe. Dokumentalean egiten genuen galderetako bat zen: "Zer esango zeniekete gazteei?". Eta? Bat zetozen denak: "Jakin egin behar dute. Batzuek uste dute ez dela izan 'hainbesterako', baina 'hainbesterako eta gehiago' izan zen". René Cassin sariak eman zituztenean ezagutu zintugun. Saria jasotzerakoan, hantxe zu, Josefa Berasategi, Luis Ortiz Alfau eta Josu Ibargutxirekin batera, norberaren eta Euskal Plataformaren izenean mintzo. Arduradun politikoen hitzak eta gero, aurkezleak zeuri egin zizun lehen galdera: "Zertan da kereila, zein unetan dago?". Horixe jakin nahiko nizuke. Euskal Plataforma 2009an hasi zen martxan, eta Espainiako Estatuko elkartearen barruan ari gara lanean. 1977ko Amnistia Legeak frankismoaren krimenak aztertzea galarazten du, tortura delituak, behartutako desagertzeak, exekuzio sumarioak... Hala ere, NBEn Giza Eskubideen Batzordeak, Amnistia Internazionalak eta Human Rights Watch erakundeek gizateriaren aurkako krimentzat jo ditu frankismoarenak, eta dio ez direla preskribitzen, zenbait gomendio egin dizkio Espainiako Gobernuari, baina honek 1977ko Amnistia Legea jartzen du aitzakia. Harresia da lege hori. Berez, kereila Argentinan hasi zen, Dario Rivas eta Ines García Holgadoren salaketaren ostean, eta oraintxe, Euskal Herrian 130en bat kereilari ditugu. Adineko jendea da, ez dago Buenos Airesera hegazkinean sartu eta Servini epailearen aurrean deklaratzeko moduan. Batzuek hemen bertan egin dute deklarazioa, erregu bidez nahiz bideo-konferentzia bidez. 2014ko urrian, Buenos Aireseko epaitegiak hogei lagunen inputazioa egin zuen, baina Espainiako Gobernuak ez du ezer egin, oztopoak jarri baino, kereilak aurrera ez egiteko presioa egin. Justizia Unibertsala eskatu besterik ez zaigu geratzen, Jurisdikzio Internazionalaren babesarekin bakarrik ikertu eta epaitu daitezkeelako genozidio eta gizateriaren aurkako krimenak, estatu baten legeen gainetik dagoelako Justizia Unibertsala. Plataformaren hurrengo pausoa, berriz, izango da udalak kereilari izan daitezen saiatzea. Hasi gara bilerak egiten, uste dugu herri eta hirietan gertatutakoa salatu behar dutela kereilaren bidez. Memoria elkarteek datuak ditugu. Instituzioen inplikazioa derrigorrezkoa da. Horretan gaude. Azkena jakin dudana, Mexikon ere beste batek salaketa jarri duela. Zenbait errepresaliatuk bat egin du kereilarekin, eta beste zenbaitek, aldiz, ez du mugimendu zirkinik egin. Ez du nahi izan. Akaso pentsatuko dute kereilak ez duela aurrera egingo, hortik ez dela ezer etorriko, ezinezkoa dela… Guk hasieratik dakigu gauza zaila dela, ibilbide luzekoa, balitekeela argirik ez ikustea, baina Carlos Slepoy abokatuak [Kereilari dagozkion gorabeherak Espainian zuzentzen dituen abokatu argentinarra] esaten duena: "Argentinan ere Azken puntuaren Legea atzera botatzea ezinezkoa zela pentsatu genuen, baina lortu genuen". Argentinan gauza bat izan zuten aldeko: urte gutxi igaro zirela krimenak izan zirenetik jendea mugitzen hasi zen arte. Errudunak bizirik zeuden. Hemen, aldiz, urte asko joan dira, eta errudunetako asko hilda daude. Hilak eta biziak. Lehendakaritzako saio hartan Josefa Berasategik eta Luis Ortiz Alfauk euren egia kontatu zuten. Zein da zure egia, Julia Monge Sarabiarena? Hasteko, neure historiaren gauza batzuk banekizkiela sartu nintzen Intxorta 1937 elkartean, gure aitaita-amamak erbestera joan zirela, handik bueltan lanik gabe geratu zirela. Esate baterako, aita zazpi urterekin eraman zuten atzerrira. Ordurako, aitaita desagertuta zegoen. Amamak ohiko periploa egin zuen: Arrasatetik irten, Frantziara joan, Kataluniara gero, eta atzera Arrasatera itzuli, baina herrira bueltatu eta [Unión] Cerrajerako lanetik bota zituzten. Amamak ebanista lanak egin zituen, oso trebea omen zen. Horretan, itzuli eta zazpi urteko alabatxoa hil zitzaion amamari, eta bera ere, handik laster gaixotu eta hil egin zen. Gure aita eta beraren arreba geratu ziren bizirik. Amama ez nuen ezagutu, jakina, eta amamaren ahizpa Ursi izeko izan dut amamatzat. Maitagarria, Ursi, gauzak kontatzen zituena zen, baina orduan nik ez nion jaramonik egiten. Orain, aldiz, neure buruari esaten diot: "Bizirik balego!". Zeure familiaren historia. Beti izan naiz kontziente andreek zelan pasatu zuten gerra eta gerra ostea. Aitaita-amamak gazterik etorri ziren San Roman de Hornijatik (Valladolid, Espainia) Gasteiza. Ez daukat dudarik pobre baino pobreago izango zirela. Gasteizen ezkondu, hiru seme-alaba egin, eta orduan, gerra. Bilbora, Santanderrera, Frantziara, Tarrasara (Katalunia), eta Aretxabaletara. Jakingo balute zertan nabilen orain, gerra sufritu zuen jendearen testigantzak biltzen! Aktibistatzat aurkeztu izan zaituzte inoiz. Aktibista ni? Feminismoan jardun dudalako lanean izango da! Eta memoria historikoa lantzeko garaian ere kontuan hartu behar duzu emakumea aparte gelditzen dela. "Denontzat ari gara", diote batzuek, baina ez da nahikoa nire ustez. Emakumearen borroka gerra denboran guztiz ezberdina izan da, ez du gizonaren borrokarekin ezer ikustekorik, baina borroka izan da: gainbizitzea izan da, erresistentzia totala. Askotan izan gara Elgetan, lubakia txukuntzen, dena narras zegoenean. Elgetako Udalak hura garbitzea erabaki zuen, zati bat behintzat. Joan ginen batean, elurra, haize fina, hotza… goiza eman genuen Intxortan, eta bueltan, esan nien: "Berriro gerra etortzen bada, ni telefonozaina. Trintxeran ibiltzeko adinik ez daukat! Kar, kar…". Oso gogorra izango zen hura, dudarik ez, bertan zen heriotza, baina, bitartean, non ziren emakumeak, zer ari ziren? Nahitaezkoa da galdetzea, emakumeen zati hori ere kontatzea, baina kontatu egin behar da. Berdin-berdin tratatu behar dela uste dut nik. n
news
argia-a27f94e35f1d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/zordanaz.html
Zordanaz
Anuntxi Arana
2016-02-21 00:00:00
Zordanaz Behin bazen mundua banatzen zuen marra garbi bat, Lurreko kondenatuak alde batean baitzeuden erabat. Aspaldi honetan marra bihurritzen hasi dela badirudi, espiralak egin arte. Eta orain, etorkin eta errefuxiatuen anfitrioi izatea tokatzen denean, on da 1936ko gerlatik ihes joan zirenak gogoratzea, baita etorriek sexu berdintasunaz dituzten ideiek gogaitzen gaituztenean ere. Arrazismoa sustatzeko erabiltzen dira arrotz batzuen jarrerak, eta Koloniako gertaerak. Edo arrazismoaren aurka jotzeko gutxiesten dira: ororen buru, hemen ere txakurrak ortozik eta matxismoa nonahi berdintsua. Ez ba! Emazteen zanpaketa ez da mundu guztian maila berekoa; borrokatuz lortu diren aurrerapenak ez dira arbuiatzekoak, ez eta ahaztekoak erresuma batzuetan usadioz eta legez onetsiak diren praktika sexistak. Salbu pentsatzen bada sexismoaren larritasuna baloratzeko orduan egokia dela neurgailu desberdinak erabiltzea: nolako azala halako minbera, guretzat jasanezina haientzat eramangarria... eta ikuspegi horretan ez dela arrazismorik. Edozein ohitura eta erlijioren gainetik, oinarrizko Jende Eskubideak unibertsalak direla usteko arrazoi asko badira, eta emakume askok badakite. Hirugarren Munduan eskubide horiek dituzten hastapenak eta erroak ikertu ditu Kumari Jayawardena srilankarrak, eta iazko bukaeran hil den Fatima Mernissi marokoarrak gogorarazten du feminismoa deskolonizazio mugimenduekin batera ibili dela. Mendebaldean bezalaxe, Ekialdeko feminista anitzek salatu dute beren kulturak eragiten duen menderakuntza, baita haren sinboloen erabilera ere Mendebaldean bezalaxe, Ekialdeko feminista anitzek salatu dute beren kulturak eragiten duen menderakuntza, baita haren sinboloen erabilera ere. Wassyla Tamzali aljeriarrak penaz ikusten du nola bideratu duen ezkerrak beloari buruzko eztabaida, haren iritziz sumisioaren adierazle eta sustatzaile den janzkera bat ezin delako askatasunaren erakusle izan, ez boluntarioa denean ere. Emakumeen gorputza ideologian eta politikan nola erabilia den nabarmendu dute feminista horiek, eta ez dute ulertzen zergatik hemen babestu behar diren han berek deitoratzen dituzten jokaera zapaltzaileak. Zergatia bada, bai, eta ez hutsala: haien ohiturak arbuiatuz, jadanik baztertuta daudenak are gehiago baztertzeko arriskua dugu. Gainera, haien zordunak gara, jendarte aberatseko biztanle garen neurrian. Eta galderak: nola izan liteke kitatzeko txanpona funtsezko eskubideen ukapena onartzea. Zordana da ordaintzekoa, ez zorreztana; haien onak gureganatu eta gure onena eman, xenofobia elikatu gabe kultura desberdinen arteko erreka leunduz, berdintasuna bilatzen badugu. Erraza ez da, baina ez Europan autoktonoen bortxakeriaren aurkako manifa masiboak antolatzea baino nekeagoa, kuanto!
news
argia-24f1c0527736
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/lurdes-imaz-catering-enpresak-gurasoen-kuotatik-aberasten-aritu-dira.html
Lurdes Imaz: �Catering enpresak gurasoen kuotatik aberasten aritu dira�
Mikel Garcia Idiakez
2016-02-21 00:00:00
Lurdes Imaz: �Catering enpresak gurasoen kuotatik aberasten aritu dira� Eskola-jantokietako catering enpresen ustelkeria kasuaz mintzatu da Lurdes Imaz Euskal Herriko Gurasoen Elkarteko (EHIGE) bozeramailea. "Oso gai larria" dela azpimarratu du Imazek. EAEko ikastetxe publikoetan jana banatzen duten zortzi catering enpresari guztira 18,4 milioi euroko isuna jarri diete, Lehiaren Euskal Agintaritzak frogatutzat jo baitu merkatua banatu zutela eta hamar ikasturtetan (2003-2011 eta 2013-2015 bitartean) jokabide irregularra izan zutela. Honako enpresei jarri diete isuna: Eurest (6.640.713 euroko isuna), Auzo Lagun Kooperatiba (6.108.446 euro), Gastronómica Cantábrica (1.626.662), Baska (1.546.226), Tamar Las Arenas (1.108.347), Magui (775.827), Goñi (522.879) eta Eurest Euskadi (135.497). Eider Olazar kazetariak Lurdes Imaz elkarrizketatu du Info7-n , eta bere hitzetan, "honek erakusten du azken hamar urteotan familiok zegokiguna baino gehiago ordaintzen aritu garela; gurasoek ordaindu beharreko kuota igotzen joan dira eta kuota horretatik aberasten aritu dira. Berrikusi egin beharko da hori guztia". Halaber, isuneko dirua eskola publikoko jantokietan inbertitzea espero du EHIGEk. Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna Bat kenduta, jantokietako janariaren ardura enpresa berdinen esku jarraitzen duelako kezkatuta ere agertu da bozeramailea, "isuna jaso duten enpresak direlako gure seme-alaben jantokiak kudeatzen ari direnak". Eta afera honetan guztian Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna handia dela nabarmendu du, hark eskaintzen duelako zerbitzua, erabakitzen duelako zeini esleitu, eta azken buruan hari dagokiolako jarduna modu egokian egiten dela bermatzea, "diru publikoaren kontrola eramanez, xahutu beharrean". Bestelako kudeaketaren alde EHIGEren aspaldiko eskaera da, Jaurlaritzak araudia alda dezala, jantokietan bestelako kudeaketa ahalbidetzeko. Imazen esanetan, ikastetxeek edota guraso elkarteek hala nahi dutenean, jantokia eurek kudeatzeko aukera eman beharko lieke Jaurlaritzak, gainerako ikastetxeek dituzten baldintza eta babes berarekin –catering enpresekin ari ez diren ikastetxeek ez baitute diru-laguntzarik jasotzen, praktikan eskola publikoak catering sistemara kasik derrigortuz–. Egungo kudeaketa mota oso zurruna dela kritikatu du, hala nola ez duelako aukerarik ematen bertako produktu eta ekoizleekin jokatzeko eta ondorioz, bertako ekonomia bultzatzeko. Kudeaketa berri bat eskatzeko agerraldia egin du EHIGEk: Aldaketak eskatzen ditugu eskola-jantokien kudeaketan .
news
argia-100490d15ca9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/amatxik-hartu-zuen-des-estrogenoa-alabak-eta-bilobak-ordaintzen-dute.html
Amatxik hartu zuen DES estrogenoa, alabak eta bilobak ordaintzen dute
Pello Zubiria Kamino
2016-02-21 00:00:00
Amatxik hartu zuen DES estrogenoa, alabak eta bilobak ordaintzen dute Ipar Amerikan eta Europan milaka emakumek nozitzen dituzte beren amei haurdunaldia hobetzeko emandako DES Diethylstilbestrol hormona sintetikoaren kalteak, beren soinetan eta egin dituzten haurrenetan. Talidomida isila deitu izan zaion DES ahaztuaren hirugarren belaunaldiko biktima batek salaturik, farmaziako konpainiak auzitan izango dira martxoan Parisen. Sylvie Le Cossec Nanterreko (Frantziako Estatua) auzitegian izango da martxoaren 10ean bere seme Julienekin. UCB Pharma konpainia edukiko du aurrez aurre. Epaileek erabaki beharrekoa: ea lotura garbirik duenez UCBk saltzen zuen  Diethylstilbestrol –frantsesez Diestilbène izenez ezaguna– botikak Sylviek seme Julien goizegi erditu eta honek betirako elbarritasun gogorrak nozitzearekin. Julienek dauzkan arazoak herritarren begien aurrean azaltzen ditu amak Facebookeko DES, mon fils n'aura jamais son bac (DES, gure mutikoak ez du inoiz gaindituko baxoa) kontuan: "Garun paralisi oso larria dauka. Eguneroko bizimoduko gauzetan ez dauka batere autonomiarik, eten gabeko laguntza behar du. Patologia ortopediko eratorri bat ere badauka. Hitzez adierazteko ahalmena oso murritza dauka, ez du esaldirik osatzen eta ideiak errepikatzera mugatzen da. 2 urteko haur bat da 17 urteko nerabe baten gorputzean". Kontua da Julienen malurrak ez datozkiola amak hartu zuen ezertatik... amonari medikuak aspaldi agindutako estrogeno batetik baizik. DESaren hirugarren belaunaldiko kaltetua da, DES biloba. Horretaz du martxoaren 10ean Nanterreko epaitegiak ebatzi behar. Sylvie DES alaba dela auzitegi berak frogatutzat eman zuen duela bi urte, 2014ko martxoan. Julien semeak ekarri eritasunez gain, aurretik bi haurdunaldi patologiko eduki zituen Sylviek eta uteroa kendu behar izan zioten. Kalte ordaintzat UCB Pharmak 81.910 euro pagatu behar izan dizkio, 8.000 senarrari eta 10.000 Sylvieren amari. Mundu garatuko medikuak 1940an hasi ziren gomendatzen DES hormona sintetikoa haurdunaldia abortuz galtzeko arriskua zuten emakumeei. Geroztik jakin denez, botika berriari egindako testetan ez zen frogatu ustezko onura horiek ere lortzen zituenik, baina asko zabaldu zen bere erabilera mundu aberatseko emakumeen artean. Euskaldunoi dagokigunez, Frantzian oso ezaguna zen; badirudi Espainian –ginekologia kontuak berriagoak dira hemen– gutxi sartu zela, 1980an iritsi zelako bere debekua. Droga 1938tik erabili ostean AEBetan 1971n debekatu zuen FDA Elikagaien eta Botiken Agentziak. Hala ere Europan konpainiek segitu zuten DES saltzen, eta mediku batzuek gomendatzen. Frantziako Estatuan 1977an debekatu zuten, Italian 1981ean. Geroztik, estrogeno hori  prostatako minbizi metastasiatuetan erabiltzen dute urologo batzuek. Uste da DES AEBetan hiru milioi emakumek hartu zutela, 1940ko hamarkadatik 1971 artean. Frantzian 200.000 ingururi eman zitzaien, eta hauen 160.000 haur omen dira DES seme edo DES alabak, ezagunenak azken hauek izaki. Milaka emakumeon arazoak   diagnostikorik ezak larriagotzen ditu. Talidomida famatua hartutako emakumeen kasuan umeei elbarritasunak jaiotzean bertan aurkitzen zizkieten. Aldiz Talidomida isila deitu zaion DESaren ondorioak gehienetan askoz beranduago agertzen dira , nerabezarotik aurrera. Sarritan seme-alabok amaren botiketatik jaso dituzten kalteak organo genital eta ugalkorretan garatzen dituzte –minbizi eta malformazio larriak, esterilitatea, abortuak eta abar– baina depresioa eta bestelako malformazioak ere bai. Hormona banalizatuak neskentzat Hormona sintetikoak aspalditik daude  medikuntzako eztabaida handietan, dakartzaten alboko kalteengatik. Urte luzez kortisonak modu indiskriminatuan erabili izan dira, kasik mirarizko botikatzat. Menopausian diren emakumeentzako hormonazko terapia ere auzitan jarrita dago gaur egun. Eta mundu osoan emakumeen askapenerako tresna inportantea izan diren antisorgailu hormonalen ondorioez ere hitz egiten hasten da. Gaiotaz interesaturik denak –emakume orok beharko luke– informazio iturri oso on bat aurkituko du DES Daughter Network blogean. Dominique Albertek sortzez frantsesak animatzen du Ingalaterrako Bristol hiritik. Albertek The Independent egunkariari kontatua dio 13 urterekin jakin zuela DES hartua zuela bere amak. Beranduago, lehenbiziko haurra galtzean esan zioten T formako uteroa zeukala. Britainia Handiko aseguruak operazioa ukaturik, Frantzian egin zioten. Medikuekin eta osasun zerbitzuekin eten gabeko borroka dauka DES alaba askok bezala. "Emakume askok –dio Albertek– ez daki bere amak botika hartu zuela. Horra Britainia Handiko emakume askoren arazo larria, haurrik izan ezinda egon daiteke edo bularreko minbiziak jota, jakin gabe DESagatik dela. Nire amak bere burua kulpabilizatzen zuen, baina niretzako okerragoa izango da. Amak ez zekien zer ari zen hartzen, baina nik haurra izan nuenerako banekien hirugarren belaunaldikoek ere arriskuak dauzkatela.  Alaba gaixotzen baldin bazait, errudun sentituko naiz, baina ez dut horren biktima bizi nahi". Suitzako telebista frantsesezkoak   DESari eskainitako erreportaje batean mintzatu da Patricia Buge paristarra. Hiru haurren ama, lehenaren eta bigarrenaren artean hiru abortu izan baitzituen,  utero estuegia zeukala oharturik ginekologoak galdetu zion ea bere amak sekula hartu ote zuen Distilbène botika. Zenbat emakumek eskuratu ote dezake amaren historia medikua? Patriciak horrela jakin zuen DESaren biktima dela. Bere alabetako batek hipotiroiditisa garatu du eta aho-sabaian malformazioa dauka. Bigarren alabak kisteak dauzka obarioetan, eten gabe azaltzen zaizkionak. Patriciaren ahizpak ere arazo larriak izan ditu: kantzerra lehenik birikan, gero bularrean eta gero obarioetan. Semeak Hipospadias bat nozitzen du: zakilak zuloa ez dauka muturrean, beste leku batean baino. Amaren sabelean zegoela estrogenoak hartu izanaren feminizazio zeinu bat, adituen ustez. Nahiz eta estrogenoak amak ez, amatxik hartu.  Mutil biktima askok dakarte arazo hori. DESak belaunaldiz belaunaldi transmititzen ditu kalteok. Gizakietan hirugarren belaunaldikoen azterketan ari dira ikertzaileak, baina animaliekin egindako frogek erakutsi dute seigarren belaunaldian ere kalteak nozitzen dituztela. Horrek esan nahi du, genetikako adituentzat, DES bezala kanpotik emakumeari sartutako hormona sintetiko batzuek zelulen DNA bera eraldatzen dutela, kalteak hereditario bilakatuz. Horra zergatik deitzen zaien etengailu endokrinoak (endocrine disruptor ingelesez). Diethylstilbestrolaren familia berekoa da Bisfenol A hormona sintetikoa ere. Ez dira nahikoa haizatu hori daramaten plastikozko botila, jostailu, autoen pieza eta abarren arriskuak, DES haurren tragediak erakusten duenez belaunaldiz belaunaldi transmitituko direnak. Zer esanik ez erraustegi eta zementu fabriketan milaka tonaka erretzen badira.
news
argia-b32f9b7b6afd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/miguel-sanchez-ostiz-idazlea.html
"Gerra hementxe dago, bestela ez nukeen idatziko"
Aritz Galarraga
2016-02-21 00:00:00
"Gerra hementxe dago, bestela ez nukeen idatziko" Ziklo bat itxi berri du Miguel Sanchez-Ostiz idazleak (Iruñea, 1950). El Escarmiento, La sombra del Escarmiento eta El Botín argitaratuta, bukatutzat eman du 36ko Gerrak Nafarroan eragin zuen txikizioaren kontaketa. Baztertuak zituen hamaika proiektu berriz hartzeko moduan izango da hemendik aurrera. Baztan baitan, Baztan izan ginen, Miguel Sanchez-Ostiz –hemendik aurrera MSO– elkarrizketatzen. Barka topikokeria, baina zer nahi duzue, hala izan zen. Zehatzago, Arraiozen, bertan bizi baita azken garaiotan idazle iruindarra. Lekaroz, Zozaia, orain Arraioz, baina 1995etik Baztan: "Baztan izan da nire bizitzan ondoen bizi izan naizen lekua, erosoen, askeen, inguruarekin harreman onenak izan ditudan lekua". 2007an utzi zuen, Iruñera itzultzeko, baina ziztu bizian egin zuen atzera. Orain ere ez du ezer jakin nahi Iruñeaz, "gero eta arrotzagoa zaidan hiri bat". Esan izan du inoiz: "Iruñean pentsatzen badut, nire baitan gero eta hilagoa dagoen zerbaiten antza hartzen du, apenas motibo literario bat, inork nekez ezagutuko lukeen memoriaren eszenatoki bat". Baztan, beraz. Gure bazterrak, ordea –eta barka bigarren topikokeria–, ez dizkigu lanbroak ezkutatzen: eguzkia parez pare, zerua bleu glacé , are bukolikoago eginez berez beste edozein bazter bezain krudela datekeen paraje ederra: adulterio, suizidio, biolazio, homizidio kontuak azaldu izan dizkiote bertan MSOri, guztiak ere "oso literarioak". Gure bazterrak, hartara, baina ez Mikel Laboaren kanta hartan bezala: "Malenkonia biziko abestia, landarediak pisu izugarria hartzen duen hodei apaleko egun euritsu horien antzera". Eta auskalo malenkonia hitza den egokiena, baina MSOren aldartea ez da kanpokoa bezain eguzkitsua: "ez dakit", "berdin zait", "ahaztu dut" erabiltzen ditu etenik gabe. Nahiz behin baino gehiagotan esan duen: orainaldia dela bizi beharreko denbora, existitzen den bakarra, ez dagoela lekurik nostalgiarentzat, hau da, poesia txarrarentzat. "Ezin da onartu historiaren berridazketa hau. Nahiko motibo bada idazteko, horrekin aski ez izan arren" Esfortzu handia egitetik dator, esfortzu literario, intelektual eta, zergatik ez esan, pertsonal handi bat. 36ko Gerrak Nafarroan egin makurkeriei eskainitako trilogia bat, 1.200 orrialdetik goiti, orduak, egunak, urteak kendu dizkion proiektu bat, halaber osasun poxi bat. "Akituta, indar hustuta geratu naiz, ondoez handiarekin. El Botín bukatu nuenetik ez dut bururik altxa". Gauza bat baita 36ko Gerraz New Yorketik idaztea, eta beste bat gertatu lekuan berean egitea: "Agertzen diren izenak ez dira, Dovstoieskirenean bezala, errusiarrak, zure familiarenak baizik, ahaide, adiskide, barride, herrikideenak". Horrek dena aldatzen du: "Ez duzu gauza abstraktuez hitz egiten, gertatu ziren gauza batzuez baino, oso ondo ezagutzen dituzun paisaia batzuez, zureak direlako". Gerra pasa zela diote, baina ez: "Hementxe dago, bestela ez nukeen horri buruz idatziko". Ez dira gorabehera soilik historikoak, "gaur-gaurko gatazka politiko eta sozialerako munizio bizia baizik". Eta ez da hainbeste hamaika aldiz kontatutakoa berriz kontatzea, "ez bada ulertzen saiatzea orduko hartan gertatutakoak zergatik hunkitzen gaituen orain, behartzen gaituen posizio hartzera". "Ez dut idazten historia errepika ez dadin, zerrikeria haien protagonistak zer egiteko kapaz izan ziren gogoratzeko baizik; orain ere, aukerarik txikiena izango balute, zer egiteko kapaz liratekeen. Borrokatzeko, ahal dudan neurrian, dominazio modu bat den oroimenaren suntsiketaren kontra". Kontakizun historiko bat osatzea da helburua, beraz, ez mendekua edo kontu garbitzea. Eta barkamena baino, egindako minaren aitorpena eta konponketa eskuratzea. El Botín nobelaren hasieran Walter Benjaminen zita bat dator: "Izena izan ez dutenei ahotsa ematea da memoria historikoa". W. G. Sebaldek, ordea, memoria historikoari kritika egin zion, ez aski, ez fidagarri, huts eta errepikakor zelakoan. "Madrilgo alkateak Millan Astrain (inguruotan esaten zitzaion moduan) kale izendegitik kentzeko nahia agertu "'El Botín' bukatu nuenetik ez dut bururik altxa" du. Kontrakoen erantzuna: ez zen frankista izan, ez zuen 36ko Gerran parte hartu. Gezur hutsa. Nola ez duzu hori idatziko, egia historikoa ere aldatu nahi dutenean? Berdin zait Sebaldek zer esaten duen. Ezin da onartu historiaren berridazketa hau. Nahiko motibo bada idazteko. Ados, aski ez izan arren. Eta aski ez izatea baino, konponezina da, idazten duzuna idazten duzula, ez dago biktimak eta oinordekoak erreparatzeko modurik, jartzen ahal dute plaka bat, lau sos eman. Baina benetako arazoa da ez dagoela borondaterik krimen horiek argitzeko". 36ko Gerraz idazteko asmoaren antzinakotasuna erakusten duen testu bat aurkitu dugu, La casa del rojo egunerokoan: "Gogoan dut orain urte batzuk Carlos Pujoli komentatu nion nobela hura: 1937-1938ko Iruñeari buruzko nobela. Oraindik idatz dezakedana. Narratzailea bilatu beharra nuen. Buruan ibili nituen zapata garbitzaile bat, egunkari saltzaile bat, liburu zaintzaile bat. Gero utzi egin nuen". 1996ko maiatzaren 28koa da testua. Inon irakur daiteke, halaber, 2005ean, MSO delako bat zela kontakizuneko protagonista. "Hainbeste urtean, goitik behera aldatu da proiektua: hasieran nobela-nobela zen, Mola jeneralaren eguneroko lapurtuak oinarri zituena. Nobela hura eskaini nion Espasa-Calpe argitaletxeari. 2005ean esan zuten ezetz, beste nobela bat zeukatela Molari buruz. Oso ondo etorri zitzaidan Pio Barojaren biografia bukatzeko –nahiz ez zidan ekarri pozik batere: ez zitzaien gustatu oinordekoei, hagiografia hutsa baino ez dutelako nahi, eta negozioak martxan jarrai dezala–. 2011n, San Kristobal gotorlekura egindako bisita baten ondorioz, proiektua berriz hartu nuen arte". Egin beharrekoa MSOk egin beharrekoa ote zen, auskalo bere bizitzako proiektu literario garrantzitsuena izan ote den, berak nahiago du aurrera begiratu. "Badago beste proiektu bat, nire familiaren historiarekin zerikusia duena, ezin dena gehiago atzeratu: deituko da Chimonco zikloa" (erreferentzia egiten dio Obanos herriko Chimonco etxe familiarrari, Los papeles del ilusionista eleberriaren portadan agertzen den berbera). Nobela moztxeagoak, gertaera zehatzagoak, beste idazmolde bat. "Trilogia izan da zulatutako kotxe baten gurpila puztea bezala, puztu eta puztu, eta testua hedatu, eta ez testuaren beharragatik, puztearen inertziagatik baizik. Horrek estiloa honda dezake, eta idatzi nahi duzuna kaltetu". Trilogiak izan duen harreraz galdetuta, kopeta zimurtu du. " El Escarmiento z zerbait hitz egin zen, El Botín ez ezer ez". Baina are harrigarriagoa zaio iaz ateratako La perorata del insensato eleberriarekin gertatutakoa: "Asko jarri nuen liburu horretan, eta erantzuna izan da erabateko isiltasuna. Nire bizitzan hartu dudan makilakadarik handiena". Madrilgo kazetari entzutetsu batek esan zion: "Oso desagertuta zaude, borroka-argitaletxe horretan argitaratzen duzunetik". "Pamiela bezalako argitaletxe batean ateratako liburu batek aukera asko dauka kasurik egin ez diezaioten. Ez dago aitzakiarik, liburuak dendetan daude, prentsako jendeak jasotzen ditu; orduan norbaitek eman behar du azalpenen bat". Las pirañas eleberriaren oihartzuna aipatu diot: "Orain aterako balitz ez luke batere izango. Nitaz esan zuten Batasunakoa nintzela eta ETAren tesiak babesten nituela, 2005ean, kultura munduan pisua handia duen PPko goi kargu batek. Esaldia iltzatuta daukat oraindik. Egunen batean norbaitek ikertuko du garai hartan zer artikulu idatzi ziren Madrilen, eta zer esan zen. Ni harrapatu ninduen haizete batek bezala, agente literariorik gabe geratu nintzen, adibidez". "Anagrama argitaletxea uztea izan da bizitzako erabirik txarrena" Garai batean ez zen hala: Herralde, Euskadi, Kritika, Principe de Viana sariak, Espainiako argitaletxe garrantzitsuenetan liburuak, Anagrama, Seix Barral, Peninsula. "Anagrama uztea izan da bizitzako erabakirik txarrena. Baina utzi nuen Seix Barraleko tipo batek nahastu ninduelako. Eta gero joan nintzen Espasa-Calpera, eta hori jada izan zen erabateko desastrea. Pio Barojaren biografia, esaterako, ez zuten inon aurkeztu". Rafael Chirbes zena atera da hizketara: "Chirbesek egin zuen nigatik ahal izan zuen guztia. Oroitzen dut Kritikaren Saria eman ziotenean nola joan zitzaizkion TVEko kazetari batzuk. Hasi zen nitaz hitz egiten, geldiarazi zuten arte". Hurrena zer aterako duen. Dietario bat, Rumbo a no sé dónde , baina azkena: "Aurreko batean, Aizkolegi menditik jaisten, artalde baten atzetik, ardi kaka freskoak ikusi nituen. Eta dietario idazle bat ikusi nuen bertan: errealitatea murtxikatzen duzu, digeritzen, eta kakatxoak uzten zoaz. Kontxo, idaztea ez da hori. Eta azkenaldian errealitatea asko errepikatzen da, gauzak azkartu egin dira, herrialdea zitaldu egin da modu beldurgarrian. Nekatu naiz ustelkeriak, abusu polizialak, biolentziak apuntatzeaz. Eta ez da generoan fedea galdu dudala: 1974tik idazten ditut egunerokoak, balio didate oraindik pentsatzeko; baina beste erabilgarritasun bat eman nahi diet, ez hain engainagarria". Bidean geratutakoak eta datozenak Ziklo berri bat dator orain: "Zintzilik ditudan liburu batzuk, saiakera laburrak: Oteizaren poesiari buruzkoa, adibidez, beste bat aguretasunari buruzkoa, beste bat sustraitzeari". Eta garai batean osatu nahi izan zuen Euskal Herriaren historia garaikideari buruzko saila? Hasieran sei nobelako proiektua, Las armas del tiempo , atera zen baten bat: "Bidean geratu zen, ez dut horri buruz idazteko gogorik. En Bayona bajo los porches izan zen bigarrena, saltsa egon zen pertsonaietako "Trilogia hau izan da zulatutako kotxe baten gurpila puztea bezala, puztu eta puztu, eta testua hedatu, puztearen inertziagatik. Horrek estiloa honda dezake". baten familiarekin, molestatu ziren, eta Iruñean izan nituen liskarren hasiera izan zen. Badirudi historia idatzi behar dela garaileek diotenaren arabera. Hirugarren nobela bat idatzi nuen, La nave de Baco , basoa gainezkarazi zuen tanta". Izan zuen garai bat, Bolivia, Valparaiso, Bucarest, urrutira joaten zena: "Baina joaten garen lekura joaten garela, lehenago edo beranduago abiapuntura itzultzeko joaten gara. Sekula ez zara erabat esku hutsik itzultzen, noski: baduzu kontatzeko zerbait, zure kontakizuna, eta hori da altxorrik handiena. Gainera, ez duzu ahaztu behar osasun arrazoiengatik bidaiatzen zarela". Jarraitzen dut asko joaten Baionara –liburuak erosteko bizioarekin konplitzera, Arragon liburu dendara–, eta Donibane Lohitzunera, familia politikoa bertan bizi baita. Eta jarraitzen du idazten, asko idazten. "Zertarako? Amore ez emateko, ez etsitzeko. Gaztetxotatik, idatzi egin nahi nuen. Egiazko heriotza da desertzioa. Gogogabetasuna gainditu behar da, dena zakurraren salara bidaltzeko tentazioa. Eta sinesten duzun hori egin". Azken esaldi hori bueltaka abiatu dugu itzulerako bidaia. Ez sobera urrutira, ez behintzat Baztango lurrean, MSO baitan izan ginela ahazteko tarte batean.
news
argia-94fd8352c957
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/akordio-usaina.html
Akordio usaina
Mikel Irizar
2016-02-21 00:00:00
Akordio usaina Tokatu zait mahai luzean euskararen erakunde eta eragile mordoa bilduta egotea etorkizunaren usnan, eta amaieran oso ados etortzea guztiak analisi partekatua jasotzen duen testua osatzeko proposamen, ekarpen, ñabardura eta abarrekin.    Tokatu zait aldundi baten ekitaldi ospetsuan euskaltzale omenduak aldarrikatzea euskararen gaineko itun politiko eta soziala, eta erakundeko agintari gorenak ekitaldi berean erantzutea modu solemnean prest dagoela helburu horiei gizarte eragileekin lankidetzan ekiteko.   Tokatu zait askatasuna, berdintasuna eta justizia oinarri dituen diskurtsoarekin agerraldia egitea erakunde legegilean eta alderdi guztien onespena jasotzea, bakoitzak bere azpimarrarekin. Tokatu zait hilabeteotan hizkuntza normalizazioan ardura duten eragile eta erakunde ia guztiekin luze solastea prozesuaren beraren orainaz eta etorkizunaz, eta nabaritu dut haiengan antzeko ikuskera zalantzatia eta lankidetzarako prestutasun osoa. Eta tokatu zait hizkuntzaren esparruan eztanda egin zezakeen lehergairen bat desaktibatzeko bitartekari lanetan ibiltzea, eta harridura atseginez aurkitu ditut espero gabeko malgutasunak eta akordiorako jarrerak. Euskaltzaleen Topaguneko presidente izan nintzen garaian (2012-2014) gogotsu aldarrikatu nuen aro politiko berria baliatu beharra euskaltzaleon artean gatazka politikoak eragindako lubakia gainditzeko, eta lankidetza berriak eraikitzeko; beti ere pentsatuz indarrak biltzea ezinbestekoa zaigula euskararen aldeko lanean. Aldarri bera egin dute han eta hemen eragile eta hainbat talde azken urteotan. Eta esango nuke iritzi publikatuan ere nabarmen ari direla nagusitzen zalantza partekatua eta jauzi aurreko tentsioa, iraganeko heterokritika muturrekoen aldean. Horrez gain, jarreren gaineko ikerketa berriek ere diote bi herenetik gorako onarpen soziala dutela hizkuntza berdintasuna helburu duten estrategiek. Honenbestez, baldintzak ikusten ditut urrats zehatzetarako. Niri dagokidanez, Gipuzkoako Foru Aldundian hizkuntza zuzendaritzaren plan estrategikoaren lanketan gizarte eragileek parte hartu dute eta, aurrera begira, partaidetza prozesu bat proposatuko diegu hurrengo asteetan, berrikuntza palankak elkarrekin identifikatzeko. Galdera nagusiak izango dira: zer beste egin behar dugu euskalgintzan eraginkorragoak izateko? Nola berreskuratu iraganeko hazkunde erritmoak normalizazio prozesuan? Eta erantzunen arabera joango gara zuzendaritzako aurrekontua moldatzen. Izan ere, hizkuntza berdintasuna helburu politiko eraldatzailea da, gizartea hobetzen duten horietakoa. Behar eta merezi du politika adostua, sendoa, arnas luzekoa.
news
argia-c4aa6fdf7596
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/acb-arcelor-txina-aitzakia-da.html
ACB-Arcelor: Txina aitzakia da
Juan Mari Arregi
2016-02-21 00:00:00
ACB-Arcelor: Txina aitzakia da Arcelor-Mittalen esku dagoen ACBko beharginek Sestaoko plantan itxialdi mugagabea hasi dute, zuzenean 335 lanpostu eta zeharka beste 1.000 mantentzen dituen instalazioak irekita segi dezan. Eusko Jaurlaritza euskal altzairugileekin bildu da lehia desleiala aztertzeko. Bere aldetik, altzairuaren lobbyak –tartean Arcelor Mittal dela– manifestazioa egin du Bruselan, Europako erakundeei kalean presionatzeko, dumping txinatarraren aurrean neurriak har ditzan. Mugimendu guztion atzean dagoen arrazoia da Txinaren ustezko lehia desleiala, Europan siderurgia produktuak oso merke eta produkzio kostuen azpitik sartu nahi omen dituelako. Enpresek, Eusko Jaurlaritzak eta beste gobernuek, herrialde asiarra salatu dute sorturiko egoera larria dela-eta. Txina al da erantzule bakarra, Arcelor-Mittalek bertan siderurgia plantak dituenean? Ez al da izango multinazional kapitalistak sektorean langile murrizketa handi bat egiteko giroa sortu duela? Sestaoko ACB eta bertako beste enpresa batzuk itxi edo deslokalizatu nahi dituela kostu gutxiagoko tokietara eramateko? Eta, Eusko Jaurlaritzak, BBK-k eta antzeko erakundeek ez dute inolako erantzukizunik horretan? Urte gutxi dira ACBren akzioen %20 saldu zituztela, multinazionalari aldebakarreko erabakiak hartzea erraztuz. Euskal altzairugintzaren defentsa ez da hitzekin edo bilera hutsalekin egingo. Multinazionalek eta industri talde handiek ez dute inolako konpromisorik herri honekiko, euren akzionistentzako etekinak baino ez dituzte nahi. ACBren euskal partaidetza saltzea, haren bideragarritasuna arrisku larrian jartzea izan zen.
news
argia-e2232aee0a5f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/jolasaren-bidez-sexismoa-lumatzen.html
Jolasaren bidez sexismoa lumatzen
Garazi Zabaleta
2016-02-21 00:00:00
Jolasaren bidez sexismoa lumatzen Generoaren eta parekidetasunaren inguruan eztabaidatzeko Elhuyar Fundazioak sortutako solas-jolasa da Bizentaren Lumak. Gazteak –eta ez hain gazteak– gaiaren inguruan hausnartzera eta konpromisoak hartzera bultzatu nahi ditu jokoak. Josu, 14 urte: "Burua nahasita daukat. Familia ez dut jasaten. Zergatik tokatu zaizkit niri guraso hauek? Lagunak dira niretzat garrantzitsuena, baina horiek ere berehala kritikatzen naute. Ez ditut mutilen kirolak gustuko. Lodiegi nago? Neskekin gusturago sentitzen naiz, baina beraietako bat ere ez naiz. Homosexuala izango ote naiz? Hori diote besteek, 'armairutik atera, behingoz!'". Egoera anitzak bizi dituzten 27 pertsonaien istorioak planteatzen dira Bizentaren Lumak jolasean, ondoren parte-hartzaileek hainbat kontzepturekin lotu beharko dituztenak: sexismoa, genero-identitateak, Queer teoria, heteroaraua, maitasun erromantikoa, androzentrismoa, eta abar. Bizenta Mogeli, emakumezko lehen euskal idazleetakoa izanari, omenalditxoa egin diote egileek jolasaren izenarekin: "Beste proiektu batean geundela, Bizenta Mogelen idatzi batzuk topatu genituen. Berak galdetzen zuen, 'zer egiten dut nik beste baten lumak jantzita, idazle bizitza egiten?', kontziente baitzen jarduera hura ez zela emakume bati zegokiona", azaldu digu Naiara Arri proiektuaren arduradunak. Mogelek hausnarketa hori XIX. mendean jada egin bazuen ere, bistan da egun oraindik generoaren eta parekidetasunaren inguruko gogoeta eta eztabaida beharrezko direla. Helburu horrekin sortu dute, bada, Bizentaren Lumak. Tresna faltari erantzunez Berdintasunaren gaia gazteekin eta euskaraz lantzeko material falta zegoela ikusita abiatu zuen proiektua Elhuyarrek. Urtebete eman dute gutxi gorabehera jolasa sortzen, baina ideia lehenagotik zetorren Aizpea Otaegi Elhuyar Aholkularitzaren koordinatzaile nagusiaren arabera: "Babes ekonomikoa behar genuen ideia aurrera ateratzeko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektua babestu izana bultzada izan zen horretarako". Beste hainbat lanetan lehenagotik erabilitako Play&Decide metodologia aukeratu dute jolas honetarako ere: taldetan banatuta gai zehatzen inguruan hausnarketak, argudioak eta eztabaidak erraztean oinarritzen da eredua.   Bizentaren Lumak jolasean aurkezten zaizkigun istorioak gertuko senti ditzake edonork. Otaegiren ustez, istorioak "aitzakia" dira azken batean: orokorrean, gure egunerokoan tartea eskaintzen ez diegun gai horien inguruan hitz egiteko tresna. Istorio-txarteletako bizipenak informazio-txarteletako kontzeptuekin lotu behar dituzte partaideek, eta solasaldia aberasteko eztabaidagaiak erabil ditzakete. Adibidez, 3. eztabaidagaia, Gizonen papera berdintasunean: "Emakumeak gizonik gabe elkartzea eta antolatzea diskriminatzea da. Gizonek nahitaez parte hartu behar dute mugimendu eta politika hauetan". Luzerako eman dezaketen gaiak. "Istorioek lotura zuzena dute gure bizitzekin" Solas-jolasa atera zutenetik hainbat saio egin dituzte Elhuyarrekoek toki ugaritan. Horietako bat Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko ikasleekin egin dute, Emakunderen Berdintasun Foroaren baitan. 6-7 pertsonako taldetan banatu ziren ikasleak, eta talde bakoitzean dinamizatzaile bat zegoen. Horiek ere ikasleak ziren, partaideak beren gune naturalean egoteak asko aberasten baitu eztabaida, Arriren ustez: "Kanpotik datozen bideratzaile batzuk egonda, askotan, politikoki zuzena dena errepikatzeko arriskua dago". Dinamizatzaileek saioa baino lehen lanketa egiten dute Elhuyarrekin, eta horiek ere "ahalduntze prozesu nabarmena" bizitzen dutela adierazi digu Arrik. Hasi zen jolasa. Lehen minutuetan tentsio pixka bat nabari zen partaideen artean, giroa nahiko isila zen eta hitza hartzea kostatu zitzaien. Denborak aurrera egin ahala, ordea, partaideak askatzen joan ziren, lasaitzen, eta pixkanaka aretoan zurrumurrua zabaldu zen. Irribarreak eta algararen bat ere tartekatzen ziren taldeetan, baina orokorrean eztabaida seriotasunez hartu zuten ikasleek. "Nire lehengusu bat antzeko kasuan dago" edo "lagun bati gertatu zitzaion hori" bezalako esaldiak entzun ziren gazteen artean. Ordubetetik gora hizketan egon ondoren, gainerako taldeekin beren gogoetak eta hartutako konpromisoak elkarbanatzeko tartea izan zuten ikasleek. Bizipenei izena jartzen Jolasa "oso interesgarria" iruditu zitzaien gazteei: "Hainbat kontzeptu argitzea beharrezkoa da, gaur egun oraindik askok feminismoa gizonezkoenganako diskriminaziotzat hartzen baitute, eta ez parekidetasunaren aldeko borroka bezala". Denek azpimarratu zuten askotan izandako bizipenei izena jartzea eta kontzeptuekin lotzea aberasgarria izan zela oso. Izan ere, ustez kasualak eta puntualak diren egoerek errealitate oso bati erantzuten diotela ikusi eta ikasi baitzuten. Bestalde, partaideetako askok jolasean bizitakoa ingurukoekin partekatuko zutela ere aipatu zuten dinamizatzaileek: "Ziur nago askok koadriletan edo beste gune batzuetan komentatuko dituztela saioan ateratako hainbat ideia eta eztabaida" diote. "Egunerokoan ditugun jarrerak eta jokabideak aztertu eta horiekin kritiko izatea ahalbidetu digu jolasak", gaineratu zuten parte-hartzaileek. Eskolan, aisialdi taldeetan, gaztetxeetan, guraso elkarteetan Bereziki gazteei zuzendutako jolasa izanik ere, publiko-xedea 14 urtetik gorako edozein talde izan daiteke Elhuyarreko kideen arabera. Aukeratu beharreko istorioen artean adin eta egoera askotako pertsonaiak egonik, taldearen izaeraren arabera aukeraketa eta eztabaida maila aldatu egiten da: "Istorioak gazteengan pentsatuta daude eginak, baina denok izan gara gazteak edo denok ditugu gazteak inguruan, eta askotan, gainera, gazteei gertatzen zaizkien gauza berak gertatzen zaizkie zaharragoei ere. Beraz, materialak adin guztietarako tresna gisa balio du", azaldu du Otaegik.
news
argia-f3cfca562539
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/ap-8ko-bidesarien-igoera.html
Bizkaiko errepide sareko ajeen azken sintoma
Unai Brea
2016-02-21 00:00:00
Bizkaiko errepide sareko ajeen azken sintoma AP-8 autobideko urte hasierako tarifa igoerak erantzun sendoa eragin du Bizkaian. Durangaldeko herritar talde batek ordainsariak kentzearen aldeko plataforma sortu eta sinadura bilketa abiatu du change.org webgunearen bitartez; 12.000 baino gehiago bildu dituzte dagoeneko. Aldarrikapen horren ildotik, Bizkaiko errepide sarearen kudeaketari buruzko eztabaida piztu da. Besteak beste, AP-8ak ematen dituen irabaziak gestio desegokiaren ondorioz sortutako "zuloa" estaltzeko baliatzea leporatu dio EH Bilduk Aldundiari. Iazko abenduan, Bizkaiko Aldundiak AP-8 autobideko bizkaitar tartean ordainsariak handitzea erabaki zuen; batez beste, %2,5. Neurriak sutan jarri zituen Durangaldeko herritar asko, baita berehalako erreakzioa eragin ere. Egun gutxian, igoeraren aurkako protesta moduan hasi zena Bizkaian AP-8ko bidesari guztiak ezabatzea eskatzen duen aldarri bihurtu zen. Doakotasunaren aldeko plataforma sortu eta milaka sinadura batu dituzte dagoeneko; 12.000 baino gehixeago, hau idazteko unean. "Autobideak Bizkaian dituen ordainleku bakarrak Durangaldekoak dira", dio Juan Carlos Poderosok, A-8 Peajerik Ez plataformako kideak; "Durangaldeko eta Lea-Artibaiko herritarrak diskriminatuta daude gainerako bizkaitarren aldean". Poderosoren esanetan, ordainsarien gaiak sentiberatasun handia eragiten du Bizkaiko ekialdeko eskualdeetan. "AP-8a da herrialdean ondoen dabilen negozioetakoa, iaz 30 milioi euro baino gehiago irabazi zituzten". 1.152 milioiko irabaziak 2035 bitartean Zehazki, eta Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuei erreparatuta, 2015ean 33 milioi eurokoa izan zen ohiko jardueragatik lortutako sarreren eta gastu arrunten arteko aldea. Baina horri ezohiko inbertsioak gehitu behar zaizkio. Horiek kontuan izanda, AP-8aren kudeaketak emaitza negatiboa ekarri zion Aldundiari 2014an eta 2015ean (21 eta 18 milioi euro, hurrenez hurren), eta 2016an ere balantza kontrakoa izatea espero da (ia 12 milioi). Hala ere, hiru urteotako emaitzak salbuespena dira: 2002tik 2013ra 74 milioiko irabaziak izan ziren orotara, inbertsioak ere kontuan izanda, eta Aldundiak aurreikusi du 2002-2035 tartean, guztira, 1.152 milioiko etekina emango diola AP-8ak. Gaia aztertu bai, doakotasunik ez Herritarren haserreak eratutako olatua arin iritsi da erakunde publikoetara, nahiz eta alderdi batek ere ez duen guztiz bat egin Durangaldean sortutako plataformaren eskariarekin, hau da, ordainsariak erabat ezabatzearekin. Momentuz, A-8 Peajerik Ez plataformak lortu du gaiari buruzko mozioa eztabaidatzea pare bat udaletan. Eskualdeko handienean, Durangon, gobernuan dagoen EAJk aurkeztutako mozio alternatiboa gailendu zen azkenik. Horren arabera, bailarako biztanleei autobideko ordainsarien zama arintzeko eskatuko dio Udalak Aldundiari, gehiago zehaztu barik. Durangoko alkate Aitziber Irigorasek eskualdeko alkate gehienen babesarekin emandako prentsaurrekoan azaldu zuen bere alderdiaren jarrera.  Batzar Nagusietan EH Bilduk egin du lehen urratsa. Koalizioak eskatu du eztabaida sakona egin dadila ez bakarrik bidesariei buruz, baizik eta errepide bidezko mugikortasunari buruz. "Egoeraren argazkia nahi dugu, eta hori ezagututakoan erabakiko dugu zer proposamen zehatz egin", azaldu du Zigor Isuskiza batzarkideak, "baina horretarako datu guztiak behar ditugu, eta horiek Aldundiak baino ez ditu". Edozelan, EH Bilduk garbi ditu defendatu beharreko oinarrizko irizpideak: kalitatezko garraio publikoa sustatzea, "mugikortasuna ibilgailu pribatuetan oinarritu ez dadin", eta kutsatzen duenak ordaindu egin behar duela dioen printzipioa errespetatzea. Horregatik talde abertzaleak ez du babestu A-8 Peajerik Ez plataformaren aldarrikapena, baina bat datoz haiekin gauza batean: "Desoreka eta diskriminazioa nabarmenak dira Bizkaian". "Ereduari buruzko sakoneko eztabaida" ematen den bitartean EH Bilduk behin-behineko neurria proposatu du, Gipuzkoako AP-8aren erabiltzaileek ondo ezagun dutena: gidariek 28 euro ordain ditzatela gehienez hilero. Aldundiaren erantzuna Urtarrilaren 27an Gernikako Batzarretxean egindako BBNNen osoko bilkuran, Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapen diputatuak esan zuen Aldundia irailetik ari dela aztertzen tarifa eredu integral bat ordainpeko bideetarako. "Eredu berri horrek errepideok erabiltzen dituzten bizkaitarren kostu ekonomikoak txikituko ditu", zioen Ekonomia eta Garapen Sailak kaleratutako prentsa oharrak. Xehetasun gehiagoren bila jo dugu Aldundira, baina erantzun digute oraingoz ez diotela ezer erantsiko Pradalesek esandakoari. Zigor Isuskiza, EH Bildu: "Mugikortasun eredu berriaz eztabaidatu behar da Bizkaian, kalitatezko garraio publikoa sustatzeko eta kutsatzen duenari ordainarazteko printzipioen arabera" Diputatuaren adierazpenak ez ditu ase arazoarentzako irtenbide eske joan zaizkionak. Bai A-8 Peajerik Ez plataformak bai EH Bilduk uste dute denbora irabaztearren emandako erantzuna izan dela, Durangaldean sortutako herritarren erreakzioari nolabait aurre egin beharrak eragindakoa. Zigor Isuskizaren ustez, ez du sinesgarritasun handirik Aldundiak "bizkaitarrentzat kostu ekonomikoa txikitzeko" asmoa duela esateak, tarifak %2,5 handitu eta hiru astera. Era berean, EH Bildukoak susmagarritzat jo du irailean hasitako azterketaren berri eman ez izana tarifa igoeraren aurkako 12.000 sinadura bildu diren arte.   Bateko irabaziak, besteko galerak Arestian esan dugunez, AP-8aren ustiapenari esker 1.152 milioi euroko irabaziak espero ditu Bizkaiko Foru Aldundiak 2035 bitartean. Baina autobide hori ez da ordainpeko errepide bakarra herrialdean. Tarifa igoera justifikatzeko Interbiak sozietate publikoak egin duen azterketan kontuan hartzen dira, halaber, Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidea –Supersur delakoa– eta Bilboko sarbideetako batean dauden Artxandako tunelak. Supersurri dagokionez, Aldundiak 2035. urtera arte aurreikusi duen emaitza zeharo txarra da: 1.056 milioi euroko galera. Hotzikara eragiteko modukoa… AP-8ko irabaziak egongo ez balira gaitza arintzeko.  "Argi dago Supersurreko zuloa estali nahi dutela AP-8arekin", iritzi dio Zigor Isuskizak, "arazoetako bat da AP-8ko sarrerak kalkulatzeko trafikoaren bilakaeraren aurreikuspen puztu batean oinarritu direla:  %4 urtero. Hori ez da erreala". Interbiak-en txostenean, aurreikuspen hori sustengatzeko aipatzen da 2014 eta 2015eko igoerak %3 eta %5ekoak izan direla hurrenez hurren. Alta, Isuskizaren ustez ezin da ziur esan joera horrek luzaroan iraungo duenik, aurreko urteetan jaitsierak ere izan baitira, krisiaren ondorioz.
news
argia-6456f244f103
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/itxaropena-ii.html
Itxaropena (II)
Oihana Etxebarrieta
2016-02-21 00:00:00
Itxaropena (II) Itxaropentsu nago. Emakume baten aurkako kanpaina sexista hasten denean, elkartasun feminista martxan jartzen da. Adibidez, CUPeko emakumeek emandako erantzuna azpimarragarria iruditzen zait. Queerrek edo bollerek egin bezala, jasotako mespretxu eta hitz itsusiak haienak egin eta lanean jarraituko dutela esan zuten. Irain horiek pertsonaletik atera, eta duten izaera politikoa azpimarratzeaz gain, jarrera politiko argi bat utzi zuten mahai gainean. Badugu zer ikasia.   Zirraraz beterik nago. Angela Davis izan dugu gurean, eta bere ekarpen aparta entzuteko aukera ikaragarria izan bada ere, barruak mugitu dizkit haren inguruan sortutako eztabaida eta foro ezberdinetan atera den diskurtso feminista entzun ahal izateak. Bazterretan egon diren identitate horiek gure politikaren eta subjektu eraldatzailearen erdigunean egon behar dutela entzun diot gazte bati, feminismoa gizarte ongizatearentzako bermea dela sindikalista bati, norbere buruaren eta taldearen zaintza ardura politikoa izan behar duela feminista bati. Eta hori guztia txalotzen zuen eta aurrera eraman nahi duen jendearen ilusioarekin sentitu dut. Orain, ideia hauek guztiak eraikitzeko momentua da eta zuekin batera bidean izango nauzue.
news
argia-773e178ea4f7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/supermerkatuan-moldatzeko-gida.html
Supermerkatuan moldatzeko gida
Mikel Garcia Idiakez
2016-02-21 00:00:00
Supermerkatuan moldatzeko gida Izaskun Berasategi Zabalza nutrizionista da, kontsulta du Iruñean eta elikadurari buruzko tailerrak ematen ditu Nafarroako ikastetxeetan. Jango duguna erosterakoan arreta zertan jarri behar dugun aholkatu digu, kontsumo arduratsua eta kritikoa egin nahi badugu. ETIKETAK: Osagaiak nola irakurri E hizkiz adierazitako elementu famatuak, jakiaren oinarrizko osagaiei gaineratutako gehigarriak dira. E nagusiak koloratzaileak (E100-180 artean daudenak), kontserbatzaileak (E200-290), antioxidatzaileak (E300-321) eta testura-eragileak (E322-483) dira. Araututa daude eta arauak dio ez direla kaltegarriak edo ez behintzat kopuru horietan, baina E horietako asko nahiko berriak dira eta ez daude erabat ikertuta: "Gero eta gehiago erabiltzen dira, pilatzen doaz gure gorputzean eta hainbat kasutan ez dakigu hemendik urte batzuetara zein eragin izan dezaketen gugan. Horregatik, E hauek guztiak zenbat eta gutxiago kontsumitu, hobe", dio Berasategik. Halakoak saihesteko modu errazena, elikagai freskoak hartzea, "baina maiz kontsumo erraza hobesten dugu, erosoa eta ahalegin gutxi eskatuko diguna, eta adibidez erosketak hilean behin baino ez baditugu egin nahi, erositako produktuek kontserbatzaileak izango dituzte ezinbestean". Gehigarri hauetako hainbat gurean onartuta dauden arren, debekatuta dituzte Europako beste herrialde batzuetan. Areago, zenbait kasutan enpresak ez daude behartuta etiketan horien berri ematera, kopuru jakin batera iristen ez badira. Jogurtagandik zer espero behar dugu? Hiruzpalau osagai izatea; hamabost baditu, ezin du ona izan. "Hamar osagai edo gehiago dituzten produktuak saskitik ken ditzakegu" Etiketak irakurtzeko denbora hartzea, konparatzea eta sen onez jokatzea da Berasategiren aholkua: urdaiazpikoa erostera joan eta osagaien artean esnea duela ikusten badugu –esnearen proteina haragiarena baino merkeagoa izanik berau erabiltzen dutelako hainbat urdaiazpikotan–, ez dirudi oso urdaiazpiko gomendagarria. Edo jogurtagandik zer espero behar dugu? Bada, hiruzpalau osagai izatea: esnea, bakterioren bat esnea fermentatzeko, koloratzaileren bat… eta beraz jogurt horrek hamabost osagai baditu, ezin du ona izan. "Hamar osagai edo gehiago dituztenak saskitik ken ditzakegu. Zenbat eta osagai gutxiago, hobe". Osagaien ordena ere inportantea da, kopuru handienetik txikienera jartzen direlako etiketetan, eta ez da gauza bera ikustea adibidez azukrea osagaien zerrendan bigarren, edo bukaera aldera. Osagaien zerrenda beltza egiteko ere eskatu diogu nutrizionistari. Ahalik eta urrunen mantendu behar omen ditugu glutamato monosodikoa, trans gantzak, palma olioa, azukrea larregi, irin findua (errefinatua), gatz findua, koloratzaile, kontsebatzaile eta edulkoratzaile artifizialak, nitritoa eta sulfitoak. Osagaiok prozesatutako elikagaietan ageri dira gehienbat ( fast food delakoa, bolleria, hestebeteak...). GANTZAK: Trans-ak eta kolesterolaren paranoia Gantz edo koipeetan hiru mota nagusi daude: asegabeak edo insaturatuak (oliba-girasol-arto olioan aurki ditzakegu, fruitu lehorretan, arrain urdinean, ahuakatean...), aseak edo saturatuak (urdaian, patata frijituetan, bolleria industrialean, haragian, koko eta palma olioan…), eta trans gantzak (gurinean, patata frijituetan, bolleria industrialean, txokolatean, aurrez prestaturiko jakietan…). Trans gantzak dira hidrogenazio prozesu bidez ase bihurtu dituzten gantz asegabeak, eta patologia eta gaixotasun ugariren sortzaile izaki, erabat saihestu beharrekoak dira. Espainiako Estatuan oraindik ez da derrigorrezkoa trans gantzak erabili direla adieraztea –zenbait herrialdetan debekatuta daude–, baina etiketan "gantz partzialki hidrogenatuak" jartzen badu, trans gantzak dituen seinale. Gainerakoan, asegabeak dira gantzik gomendagarrienak: kolesterol ona igotzen eta txarra jaisten laguntzen dute. Azken urteotan kolesterolak protagonismo handia hartu duen arren, Berasategirentzat ez da hain faktore erabakigarria: "Kontua ez da hainbeste barneratzen dugun kolesterola, baizik eta gure gorputzak osotasunean egiten duena, ariketa egiten dugun, adibidez. Analisietan, gero eta txikiagoa da jartzen diguten muga, 240tik 220ra eta 200era ere jaitsi dute. Eromena da, azkenean denok izango dugu kolesterola!". LIGHT : Ez da osasuntsuagoaren sinonimo Light edo "gantzik gabea" dioten produktuetan, zaporea orekatzeko gatz, azukre eta almidoi asko erabiltzen da. Kaloriak edo gantzak gutxitzeak ez du esan nahi osasuntsuagoa denik Light jartzeak esan nahi du produktu arruntak (light ez den produktu baliokideak) baino gutxienez %30 kaloria gutxiago dituela, baina azukre edo gantz kopuru bera izan ditzake. Adibidez, gantzak kaloria asko dituenez, light izan dadin gantza kenduko diote jakiari, baina zaporea orekatzeko produktu arruntak duena baino azukre gehiago botako diote (gantzak baino kaloria gutxiago dituelako), edo edulkoratzailez beteko dute, kopuru txikiagoarekin azukrearen gozotasun maila lortzen duelako. Edulkoratzaile edo gozagarri asko hartzen ditugu eta nahiko berriak dira; duela gutxi diabetikoengan ikusi da, esaterako, azukrearen efektu berak sortzen dituela gorputzean –azukrea kendu eta gozagarriak hartzea diabetikoentzat soluzio zela uste zuten–. Berdin "gantz gutxikoa" edo "gantzik gabea" jartzen duen produktuekin: zaporea orekatzeko, gatz, azukre eta almidoi asko izan ohi dute. Kaloriak edo gantzak gutxitzeak ez baitu esan nahi, inondik inora, jakia osasuntsuagoa denik. Alderantziz: AEBetan, azken urteetan gantzak gutxitu dituzte, obesitateari, diabetesari edota hipertentsioari aurre egin nahian, baina gora egin dute gaitzok, eta arrazoi nagusia azukrearen kontsumoa dela dio aditu ugarik. AZUKREA ETA GATZA: Gaindosiak jota Azukre gehiegi kontsumitzen dugu, eta gorputzean azukre gehiegi pilatzen badugu eta berau erretzen ez badugu, kalte egin diezaioke gure osasunari. Arazoa da gaur egun produktu askori gehitzen diotela azukrea, prozesu kimikoa jasan duen eta kaloriak baino ez dituen azukre findua. Beste behin, etiketak sen onez irakurtzea gomendatu digu nutrizionistak: urdaiazpikoak azukrea du? Ez. Bada, ikusten badugu urdaiazpikoak azukrea duela –eta sarri badu–, beste bat erosi. Zenbait jakik azukrea berezkoa dute, frutak esaterako: azukre naturala da, ez findua, eta ez da azukre hutsa, bitaminak, zuntza… ere badituelako. Gure gorputzak ez du azukre gehigarririk behar, elikagaiek beraiek naturalki ematen digutenarekin nahikoa dugu. Nola jakin azukrea berezkoa edo gehitua den? Erraz, osagaien zerrendan azukrea agertzen bada, horrek esan nahi du azukre findua gehitu diotela. Aldiz, taula nutrizionalean beti agertuko da azukrea, jakiak berezkoa nahiz gehitua izan: karbohidratoen barruan esango zaigu horietatik zenbat diren azukre, eta kopurua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta hobeto. Bestalde, edari eta abarrei botatzeko azukrea hartu nahi izanez gero, panela da egokiena: kanaberatik zuzenean hartutako azukrea da, inongo prozesu kimikotan findu gabea, eta mineral eta bitaminaren bat baduena. Gatza ere arretaz begiratzea komeni, Osasunaren Mundu Erakundeak egunean 5 gramo baino gutxiago hartzea aholkatzen baitu, eta batez beste bikoitza kontsumitzen dugu. Kontserbek edota aurrez prestatutako elikagaiek, denek dute gatza. Sodioa eta potasioa bi mineral dira eta bien arteko oreka mantendu behar du gure gorputzak; gatz asko eta ondorioz sodio asko hartzen badugu, potasioarekiko desoreka emango da (tentsioan, bihotzean edota gorputz barneko likidoetan eraginez). Hainbat edariren azukre kopurua, begi-bistan INTEGRALA : Ale osoa, zuritua baino hobea Integral hitza argaltzeko kontuekin lotzen duenik badago ere, integral izateak esan nahi du zereala edo hazia osorik mantendu dela, zuritu edo findu gabe, eta beti ere, hobea da ogia, arroza, gailetak… oro har zerealdun elikagaiak integralak hartzea, kanpoko geruzak zuntza ematen digulako –oso gutxi hartzen duguna–, hainbat bitamina eta mineral azal horretan baino ez daudelako, eta naturala delako, azala kentzeko prozesutik salbu. Zer da, baina, elikadura enpresek hainbatetan egiten dutena? Zuritutako zerealdun produktuari birrina botatzen diote gainetik (zereal-alearen azal xehatua) eta integrala dela jartzen dute. Halako aldrebeskeriak saihesteko, "ale osoa" jartzen duen jakia hobetsi. ARRAUTZAK: Oiloen hazkuntzaz informazio zehatza Kaxan begiratu: lehenengo zenbakiak dio nola hazi duten oiloa (0 zenbakiak produkzio ekologikoa adierazten du, 1ak basa-oiloak direla, 2ak lurrean hazitako oiloak, eta 3ak kaiolan hazitakoak); ondorengo bi hizkiek herrialdearen berri ematen dute (FR esaterako, Frantzia litzateke); eta ondorengo zortzi zenbakiek probintzia eta herria azaltzen dituzte. HARAGIA, ARRAINA, BARAZKIAK, FRUTAK: Denda txikien bermea Produktu freskoak erosteko, konfiantzazko denda txikietara jotzea gomendatu digu nutrizionistak, horietan errazagoa delako jakitea produktua non izan den ekoitzia, sasoikoa al den edota zenbat denbora daraman saltokian. Adibide bat: "Maiz, azkar hazitako fruta lehenesten dute supermerkatuetan, itxura polita izan dezan, baina gero ez dauka ez bitaminarik, ez zaporerik, ez ezer. Ikerketek diote denda txikietako laranjek supermerkatuetakoek baino D bitamina gehiago dutela, denda txikietan astero joango direlako laranjak erostera, baina supermerkatu handietan, lekua badutenez, berde daudenean hartu –berde dagoen frutak ez du bitaminarik, ez du denborarik izan prozesu osoa egiteko– eta gordeta izan ditzakete denbora luzez". Bestelako oharra ere egin digu Berasategik: gomendatzen dena baino hiru bat aldiz haragi gehiago jaten dugu. ESNEA: Uste faltsuak Berasategiren hitzetan, beste behin ere osagaiak dira gakoa. Esneak zer izango du? Bada, esnea, ez du ezer gehiago behar, eta beste hogei osagai baldin baditu, ez da oso fidagarria izango. Gantz aldetik (osoa, erdigaingabetua, gaingabetua), pisu edo bestelako arazorik izan ezean osoa aholkatu du nutrizionistak, "ez dagoelako zertan gantza kendu". Eta bertakoa eta baserrikoa bada, "askoz hobeto". Behia nola zaindu duten, ekoizpena zein izan den edota etxaldea nolakoa den jakiteko, esne-markak lan nola egiten duen ezagutzea izan daiteke bidea. Esneak luzeago irauteko, UHT edo uperizazio prozesua jasaten du (tenperatura aldaketa handian oinarritutako tratamendua), eta bitaminaren bat edo beste baino ez du galtzen. Entzun izan da, diosku nutrizionistak, iraungitako esnea berriz ere fabrikara eraman eta UHT prozesutik pasatzen dutela bigarrenez salgai jartzeko, "baina gezurra da, besteak beste esne berria ekoiztea baino garestiagoa aterako litzatekeelako". OGIA: Zenbateraino perbertitua? Ogi zuriari gainetik zereal-alearen azal xehatua bota eta integral gisa saltzen dute. Halako aldrebeskeriak saihesteko, "ale osoa" jartzen duen jakia hobetsi Ogiaren kalitatea gero eta zalantzagarriagoa dela dio Berasategik. "Supermerkatuetako ogietan, sikiera, daramatzan osagaiak irakur ditzakezu etiketan, baina okindegiko ogiekin kezka sortu da, merkeagoa izateko hainbatetan kalitate eskaseko irina erabili eta orekatzeko osagai asko botatzen diotelako (azukrea, gatza, zapore-emaileak…)". Arratsaldean bero-bero hartzen dugun ogia, hozkailutik masa atera eta labean sartu berri dutena, "hori da okerrena, aurrez prestatua izanik kontserbatzaile asko dituelako. Eta berdin etxean berotzeko supermerkatuan saltzen den masarekin". Hurrengo egunean oso gogorra geratzen den ogia, saihestea komeni: "Etxean egindako ogiak astebete iraun diezazuke eta ez da gogorra jarriko, atera kontuak". ZERRENDA BELTZA: Freskagarriak, zukuak, jaki prozesatuak eta aurrez prestatuak Berasategik ez du gustuko inori jakirik debekatzea, baina arestian osagaien zerrenda beltza egin digun moduan, produktu batzuk ere zenbat eta gutxiago hartu, hobe. Freskagarriek adibidez, izugarrizko azukre pila baino ez daukate –gasa izatea ere ez da gomendagarriegia–. Zuku industrialek berdin: azukre asko dute –edo azukrerik ezean edulkoratzaileak– eta normalean, frutak zituen bitaminak galdu egin dira bidean, zukua kontserbatzeko jasaten duen prozesu termikoan. Aurrez prestatutako jakiek ere nutriente ugari galtzen dituzte bidean, eta osagai pila bat izaten dituzte, kopuru handitan: gantzak, gatza, azukrea… Eraldaketaren bat izan duen haragia da haragi prozesatua (gatzetan jarria, ketua, txorizo bihurtua…) eta zalaparta handia sortuz Osasunaren Mundu Erakundeak iaz azaldu zuenez, beronen kontsumoa murriztea da onena, prozesatzeko erabili ohi diren osagaien kopurua dela-eta (berriz ere azukrea, gatza, trans gantzak…). ADI: Ez zaitzatela engaina Light, gantz gutxiko, integral edo partzialki hidrogenatu bezalako kontzeptuak irakurtzerakoan kontuz ibili behar dugula argitu dugu jada. Produktua osagai jakin baten "iturri" dela, osagai horretan "aberats", edo osagai horren "kopuru altua" duela badio, halakoak jartzeko produktuak bete behar dituen baldintza eta portzentajeen zerrenda Europar Batasunaren Adierazpen Nutrizionaletan aurkituko duzu. Gogoan hartu Espainian/Frantzian/Euskal Herrian "ontziratua" jartzeak ez duela esan nahi bertan ekoitzia izan denik, edota garai batean modan jarri ziren elikagai aberastuak beti ez direla eraginkorrak: omega 3rekin edo kaltzioarekin aberastua, D bitamina duen esnea… eta halakoetan, batzuetan gure gorputza ez da gai elikagaiari modu artifizialean gehitu zaizkion osagarri horiek xurgatzeko eta baliatzeko; hortaz, hartu bezala aterako da gure gorputzetik, inongo eraginik gabe. "Dieta orekatua eramaten badugu, bitamina eta mineral gehienak modu naturalean hartuko ditugu eta ez dugu gehigarririk beharko. Baina horretarako dieta orekatua eraman behar da…". ALERGENOAK: Osagai saltsa, kontrolatzeko zaila Elikagaiak 14 alergeno nagusietakoren bat izanez gero –edo izateko arriskua–, adierazi beharra dago. "Egun, elikagai askok osagai pila bat dituzte eta nekeza da hori guztia kontrolatzea. Ezin duenak esnea hartu, lehen ez zuen esnekirik hartzen eta kito, baina orain urdaiazpikoa jaten badu, agian esnea izango du!". Aurrez kozinatutako produktuek adibidez, hainbeste osagai dituzte, ezen batzuetan ez da batere lan samurra alergenoak identifikatzea. BEGIRADA KRITIKOA: Zer jan, hura izan Egunean zenbat otordu egiten ditugun aintzat hartuta, jaten dugunarekin ikuspegi kritikoa izatea funtsezkoa iruditzen zaio nutrizionistari. Carlo Petrini Slow Food fundazioaren sortzaileak ARGIAn esan zuen moduan, jatea ekintza politikoa da, "aukera politikoa", eta argi du bere aukera Petrinik: "Ona, garbia eta justua jateko eskubidea" aldarrikatzen du. Izaskun Berasategik ere ez du zalantzarik: gutxien kozinatuta dauden gauzak erosi, freskoak, eta norberak prestatu ditzala. "Denbora eta ahalegin gehiago eskatuko digu, dena berehala eta eroso lortzeko egungo bizimoduarekin talka egiten du, baina kalitatea hobea izango da eta erosten dugunak zer daraman jakingo dugu". Gero eta gehiago dira bide hori aukeratu duten herritarrak: lekuan lekuko kontsumo taldeak ugaritzen ari dira, baratzea gero eta leku gehiago ari da hartzen gure herrietan, eta kontsumo arduratsurako aholkuak ematen dituzten elkarteak asko dira (Adentra nafarra kasu). Eta zer da kontsumo arduratsua? Jasangarria –Europan eta AEBetan, jaten dugunaren bikoitza erosten dugu, edo, beste era batera esanda, erosten dugunaren erdia botatzen dugu zakarretara–; berdea –ingurumena ahalik eta gutxien kaltetuko duen ekoizpen eta garraio ereduetan oinarritua, hondakin gutxi sortuko duena eta birziklagarria–; etikoa –prekarietatea bultzatzen ez duten enpresetan egina–; eta soziala –ekonomia sozialeko enpresetakoak, bertako ekoizle eta bitartekariekin lan egiten dutenak eta inguruko ekonomia bultzatzen dutenak–. Kafea, infusioak… erosten ditugunean, bidezko merkataritzaren zigilua daramaten produktuak kontsumo arduratsuaren berme ona dira. Ekologikoa ere zigilu fidagarria da –lehen ez bezala, gaur egun bio edo organiko zigiluak ekologikoaren sinonimo dira–, produktuak ez direlako tratatuak izan naturalak ez diren inongo pestizida edo produktu kimikorekin, eta naturaren zikloak errespetatuz landatuak edo haziak izan direlako. Baina jatorria begiratzea ere inportantea da, ekologikoa izanagatik lekutan ekoitzi den elikagaiak garraio eredu jasangaitza baitu atzean; ez alferrik merkantzia ahalik eta merkeen garraiatzen du deslokalizazioaren politikak, kamioiz betetzen ditu munduko errepideak eta barku erraldoiez itsasoak. "Produkzio Integratua" edo "Nekazaritza Integratua" zigilua ere bada nolabaiteko bermea: ekoizpen ekologikoaren eta industrialaren artean, animalia, ingurumen, lur eta paisaiarekiko ardura eta konpromisoa ziurtatzen ditu. "Ona, garbia eta justua jateko eskubidea" aldarrikatzen du Carlo Petrinik. Aurrez gutxien kozinatuta dauden gauzak erosi, freskoak, eta norberak prestatu. Horra Izaskun Berasategiren gomendioa.
news
argia-c1b937e75d30
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/egun-bat-jose-luis-guerinekin.html
Egun bat Jose Luis Guerinekin
Gorka Bereziartua Mitxelena
2016-02-21 00:00:00
Egun bat Jose Luis Guerinekin Jose Luis Guerin zuzendariari ia egun osoa eskaini zion Iruñeko Ikuspuntu festibalak joan den larunbatean, hamargarren edizioa itxi aurretik. Goizean L'Accademia delle muse aurkeztu zuen, sarrera onarekin: "EAJren ekitaldian baino jende gehiago elkartu gara eta hori ez da erraza", egin zuen broma Oskar Alegria festibaleko zuzendariak, Baluarten egun berean antolatu zuten Batzar Nagusi jeltzalea aipatuz. Zinegile kataluniarraren fikziozko pelikulak beste mota bateko fikzioa izan zuen lagun beraz –horrelako aukerak eskaintzen dituzte gure ekipamendu kultural handiek–.    Nolatan fikziozko lan bat zinema dokumentala ardatz duen festibalean? Beste erremediorik ez duelako izan, osterantzean Iruñeko aretoetan ez zutelako proiektatuko. Konbentzionaletik urrun dagoen istorioa da nolanahi, faktura hurbilago baitago dokumentaletik eta lan-metodoa ere arras berezia da: gidoirik gabe errodatua eta filmean bezala, benetan ere Bartzelonako Unibertsitateko ikasle diren protagonistekin. Hortaz, asmatutako tramaren eta kontakizun faktualaren arteko mugak non dauden galdetzen duen lana da. Irakasle italiar bat, batez ere emakumez osatutako musen akademia batean eskolak ematen. Goi mailako literaturari buruzko gogoetak, erreferentzia klasiko ugari, eztabaida erudituak… eta pixkanaka ikasleekin edukitzen hasiko den harreman sorta. Dena oso plano intelektualean gertatzen da eta hasieran pentsatzen duzu bikote harremanei buruzko planteamendu ez normatiboren batera iritsiko direla. Keba: apurka jabetzen gara ikasleak maisuaren autoritate falikoaren menpeko bihurtzen direla eta, funtsean, reality show bateko harreman kodeak erreproduzitzen dituztela –Dante errezitatuz, hori bai–. Un príncipe para tres princesas en bertsio kultu bat beraz? Tira, distantzia ironikoz ikustea eskatzen duen lana behintzat bada. Edo betaurreko moreak jantzita: emakumeek bikote-harremanetan jasaten duten azpiratzeak zein mekanismo konplexuak izan ditzakeen berresten du L'Accademia k; zein eraginkorrak diren mekanismo horiek, baita filmeko emakume ahaldunduen kontra ere –salbuespen bakarra Carolina izeneko pertsonaia da, zeina irakaslearen autoritate intelektuala auzitan jarriz nolabait askatzen den–. Arratsaldean oso bestelako lana estreinatu zuen Guerinek. Le Shapir de Saint-Louis enkarguzko obra da eta Alain Resnaisen Guernica ekarri zidan gogora, margolan bat grabatuz eta testuaren laguntza hutsarekin kontatua baitago. Beste garai bateko filma dirudi, kasik omenaldi bat Resnaisek berak edo Chris Markerrek egindako zinemari. Ondoren zuzendariarekin izandako tertulian ikusleek bi filmetako zeini buruz galdetu zuten ikusita, argi geratu zen bigarren ikusitakoa lan txikitzat hartu genuela gehienok.
news
argia-0b7b16a433d5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/beskoitzeko-ikastola.html
Falloux legearen oldarraldiari eutsita
Onintza Irureta Azkune
2016-02-21 00:00:00
Falloux legearen oldarraldiari eutsita Beskoitzen ez zen ikastolarik, 2013an inauguratu zuten arte, guraso batzuen etxean, hiru haurrekin. Falloux Legearen mamua hor badabil ere, gaur egun herriko etxeko lurretan, alokairuan, prefabrikatuan, 13 haur daude ikastolan. Lapurdiko Beskoitze herrian biztanleen  %17,44k daki euskaraz (2010eko datua, Wikipediak emana). Erabilera berriz, 2011ko datuen arabera, %1,8koa da. Xabi Irigoien Beskoitzeko ikastolako lehendakari eta gurasoak beste modu batez azaldu ditu zifrak Kanaldudek egindako bideoan: "Duela ehun urte denak euskaraz ari ziren eta ttipiki-ttipiki gune guztietatik, ez desagertu, baina isildu da. Gaur egun beharbada ehuneko hogeiek badakite euskaraz, baina ez da entzuten, eta egia da euskaldunek ere gero eta gutxiago baliatzen dutela euskara. Gure nahia litzateke euskara zabaltzea, eta desagertu den gune guztietan berriz euskara entzutea, erran nahi du, hemen, ikastolan, ikastolatik plazara, plazatik okindegira, okindegitik herriko etxera". Kontuan hartzeko beste datu bat: 1975ean 1.085 biztanle zituen herriak eta gaur egun badira 2.400 inguru beskoiztar. Irigoienek gogoeta: "Jendea etorri da eta beharbada guk euskaldunok ez dugu jakin haiek errezibitzen, haiei euskararen beharra sentiarazten". Gurasoek beren haurrek ikastetxea herrian izatea nahi zuten –eskola publikoa eta pribatua ere badira herrian– eta ikastola izatea. Herriko etxearen lurretan Guraso batzuen etxean hasi zuten ikastola 2013an, hiru haurrekin. Orain herriko etxeari alokatutako lur zati batean dira. Bi eraikin dituzte, bata prefabrikatua. Azken horretan dituzte ikasgela eta logela. 13 haurrak biltzen dira ikasgela horretan. Alboko eraikinean aterpe txiki bat eta komunak dituzte. Urte honetan bertan beste prefabrikatu bat eraikitzeko asmotan dira, logela han ezartzeko. Haurrek 2 urtetik hasi eta 6 urte bitartean dituzte. Urte eta erdiz eskola barruan bazkaldu dute eta orain herrian den kantinan, beste bi ikastetxeetako haurrek duten jangelan, tokia dute ikastolako haurrek ere. 13 haurren irakaslea Ane Gomez da eta laguntzailea Ainara Arano. Bi haurrek Haur Hezkuntza bukatuko dute aurten eta gurasoek herrian bertan jarraitzea nahi badute ere, ziurrenik ondoko herriko ikastolaren batera joan beharko dute ikastera. 13tik 11ra egingo du kopuruak orduan, baina baliteke 2016ko eskola sartzean beste bi haur berri izatea Beskoitzeko ikastolan. Beskoitzeko Herriko Etxeari prefetak salaketa jarri zion 2013an, Seaskari ikastola ezartzeko lurrak alokatzeagatik. Beste behin, Falloux Legea zuen aitzakia, alegia, iraskaskuntza pribatuari laguntza publikoak ematerik ez dagoela. Azkenean, auzia gibelera botatzea lortu zen 2014ko martxoan. Herriko Etxearekin egindako hitzarmenak bere horretan segitzen du, eta beraz, ikastolak urte batzuetarako lasaitasuna izango duela dirudi.
news
argia-8453415ab021
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/albert-botran-i-pahissa-cupeko-parlamentarioa.html
"Legezko bidea ukatu digutenez, gure eskubideen alde desobeditu beharko dugu"
Axier Lopez
2016-02-21 00:00:00
"Legezko bidea ukatu digutenez, gure eskubideen alde desobeditu beharko dugu" Lau urtez bere herrian zinegotzi aritu ostean, irailean Kataluniako Parlamentura egin zuen salto Albert Botran i Pahissak (Molins de rei, 1984). "Ni pressing CUPetik onik atera nintzen" ilobei esan ahal izango dien CUPeko parlamentarietako bat da. Nola bizi izan duzu CUPen militantzia zati bati egindako presioa Junts pel Sí-ren (JxSí) proposamena onar zezan? Bi aldetatik izan da presiorik, baina askoz lotsagabeagoa izan da zioena CUPek, alderik txikiena izateagatik, JxSíren hautagaia onartu behar zuena: "Korrelazioan zuek bat zarete seiren aurka, onartu behar duzue". Horrek nolabaiteko logika badu ere, Kataluniako gizartearen hainbat sektoretan txertatuta dagoen kultura politiko autoritarioa islatzen du. Une batetik aurrera, gure ezetzaren arrazoiei kasurik egin gabe, alternatibei entzungor egiten zieten, gure baietza noiz etorriko zain besterik ez zuten buruan. Convergènciaren ustez, Masen figura gabe prozesuaren eskuineko aldea arriskutan jarriko zen. Guk esaten genuen hautagai alternatiboa Convergènciak hautatzeak sektore horiei segurtasuna emango ziela, eta azkenean hala izan da. Inor ez da prozesu independentistatik aldendu. Espero dut pressing CUP en alde dena eman zuen jendeak ikasi izana horrelako jarrera autoritarioek ez dutela lekurik, txikiak, txiki izate hutsagatik, ez duela zertan handiaren aurrean amore eman behar. Poble Lliure (PL) erakundeko militantea zara sorreratik. Negoziazioetako korapiloa askatzeko Artur Mas onartzearen alde egin zuen PLk publikoki. 10 diputatuen artean "sektore" baten ordezkaria izatea erreza izan al da? CUPen beste erakunde bateko kideak garenok ageriago gaude, baina babesa ere badugu. Independenteek gehiago sufritu dutela uste dut. [Antonio] Bañosen dimisioa horregatik azaltzen da hein baten. "Kanpotik" datorren norbaitek, CUPera batzean, badaki gutxi gora behera zer dagoen eztabaidak publiko xamarrak direlako, baina ez daki antolakundea zein neurritaraino tenkatu daitekeen horien moduko negoziazioetan. Eta bat-batean, bera burua erdian topatu zuen. Independente bat barne mailako eztabaida dinamikan egoki txertatzen ez asmatzeak zer pentsatua ematen du. Denok pairatu dugu tentsioa era ezberdinetan. Oso nekagarria izan da, baina asko ikasi dugu. Zurrunbilo horretan, zenbait artikulu –urtarrilaren 7an Vilaweb en Vicent Partalek idatzitako editoriala kasu– saiatu dira "CUP = Poble Lliure + Endavant" ekuazioa azpimarratzen. CUPeko jendearen gehiengo zabalak ez du bi erakunde horietan militatzen. CUPen barruan iritzi-eragile gisa aritzen dira erakundeok eta horien bueltan diskurtso asko sortzen dira. Negoziazioetan ikusarazi da, azken batean, eztabaida ia modu bitarrean polarizatuta amaitu zen. Barne mailako eztabaida publiko egiteak CUPen jarrera ahuldu al zuen negoziazioetan? Hain anitza den antolakunde batean ia ezinezkoa da eztabaida barne mailako bideetatik bideratzea. Adibidez, negoziazioen hastapenetan hedatzen hasi zen hauteskundeetara joateak ez zuela ezer txarrik ekarriko zioen ideia. Aurrerago berdina gertatu zen hauteskundeak ez egiteko Mas onartzea hobea zela zioen ideiarekin. CUPen antolakuntza-ereduaren izaeragatik saihetsezina da eztabaidak barne mailako mugak gainditzea. Pressing Cup une gorenean zela, gehiengoak Mas ez onartzea erabaki zuen asanbladan. Egun gutxitara kontrakoa publikoki babestu zuten Poble Lliureren komunikatuak edota Ara egunkariko azalean agertutako David Fernandezen artikuluak. Hori ere saihetsezina al da? Eztabaida publikoa izanik, eragiteko asmoz jende guztiak erabiltzen du eskura duen bitarteko oro. Niri dagokidan parteari dagokionez,  eztabaidan iritzi bat ezartzeko antolakunde politiko batek egin dezakeen gutxienekoa da komunikatu bat argitaratzea. Negoziazio mahaian zure kideak estu hartzeko erabiliko dutela jakinda ere? "Jarrera autoritarioek ez dute lekurik; txikiak, txiki izate hutsagatik, ez du zertan handiaren aurrean amore eman behar" Noski. PLren jarrera ez zen Artur Mas onartzea, baizik eta akordioa lehenestea. Sabadellgo asanbladaren ostean, hedabideek eta JxSíren talde negoziatzaileak ekin zioten CUPen barne mailako zatiketari enfasi handiagoa jartzeari. Ordurako debatea oso publikoa zen, asanblada bat bitan banatu zelako. Erabakitze-prozesu irekiak eta asanblearioak egitean ezinezkoa da eztabaida ezkutatzea, ezin dituzu lerroak estutu. Begi-bistakoa da une horretan beste aldeari zure kartak erakusten ari zarela.   Orduan, eztabaida hain agerian egingo zenukete berriz? Nire iritzi pertsonala da antolakundearentzat askoz onuragarriagoa izan zitekeela asanblada nagusira heldu izana kontsentsu maila altuagoa lor zezakeen proposamen batekin. Azkenean egin genuena izan zen militantzia osora hedatzea CUPeko beste organo batzuetan zegoen blokeoa, baita militantziak korapiloa ez askatzeko arriskua ere. Eta hala izan zen. Berdinketa hori eskala handiagoan errepikatu zen, 3.000 lagunen parte hartzearekin. Zuzendaritza politikoaren betebeharra da barne mailan ahalik eta babes handien bilduko duten proposamenak sortzea. Baina bestetik, aitortu behar da CUPen ez dagoela ohiko zuzendaritza politikorik. Zuzendaritzan ez dago programa jakin baten inguruan erabateko kohesioa duen talderik, gaizki jokatuz gero kongresu batean alboratu daitekeena. Horrelakorik ez da CUPen. Antolakundearen beraren aniztasuna erabakiguneetara eramango duten pertsonak hautatzen ditugu. Horregatik batzuetan oso zaila da adostasunera heltzea. Gure bidea motelagoa eta arriskutsuagoa da. Bilboko Hika Ateneoa txiki geratu zen bere hitzaldiaren entzuleak hartzeko; prozesu independentistak, eta bereziki CUPen politikagintza ereduak, Euskal Herriko ezkertiarrengan sortu duen interesaren isla. Horren erantzukizun handiko erabakia modu asanblearioan hartu duen adibide askorik ez da Europako politikagintzan. CUPen funtzionamendua politizazio eskola garrantzitsua da. Jendea inplikatzeko modua oso zorrotza da denbora aldetik. Hori aztertu beharko genuke. Batzuetan oztopo bilakatzen da herritarren sektore batzuek parte har dezaten, etxean eta familian ardura dutenek adibidez. Asko politizatzen duen sistema da, erabakietan pertsona asko inplikarazten duelako. Akordioan hitz gogorrak daude negoziazioetan CUPek izandako jarrerari buruz. Horren arrazoia, batetik, JxSíren exijentzia izan da eta bestetik, dagokigun ardura gure gain hartzeko nahia; tamalez beste aldeak bere gain hartzen ez duena. Haiena kontraesan politikoak kudeatzeko era klasikoagoa da: alderdi batek ezin du inoiz aitortu oker ibili dela. Guri ez zaigu zail egiten esatea agian gehiegi luzatu garela erabakia hartzen eta horrek jendearengan urduritasuna eta nahasmendua sortu dituela. Kultura politiko berria sortzeko gure ekarpena da. Gure barne mailako eztabaidak publikoki zabaltzen diren bezalaxe, ahuleziekin ere berdina gertatzen da. Horrek ez gaitu kezkatzen jakin badakigulako gure indarguneak beste batzuk direla. Akordioa lortu ez eta hauteskundeetara heldu izan bazinate, zatiketa saihetsezina litzateke? Ez dut uste. Beti pentsatu izan dut CUPek horrelako prozesuei aurre egin ahal diela, barne mailan tentsioa edukitzera ohituta gaudelako. Orain hori aztertzeko eta eztabaidatzeko aukera dugu, antolakundearen gehiengoarentzat onuragarria den egoera lortu dugulako. Gai honen funtsean eztabaida sakona dago: prozesu independentistaren gaitasun eraldatzaileak eta aktore politiko autonomo gisa izateari uzteko prozesuak dakartzan arriskuei buruzkoa. Debate hori lau edo bost urtez, gutxienez, luzatzen aritu gara. Zurrunbilotik hobekien atera dena ERC dela dirudi. Nola azaltzen duzu negoziazioetan publikoki izan duen ekidistantzia eta barne mailan JxSíri eman dion baldintzagabeko babesa? Haiek Convergènciarekin akordio bat daukate eta ez zuten arriskupean jarri nahi. Nabarmena da Esquerrako batzuek gure ikuspegi berekoak zirela, baina ahots bakarra izatea erabaki zuten beren hautagaiaren izendapenari buruz, haientzat oso garrantzitsua dena. Bi egoeratan irabazle sentitzen ziren. Akordioa lortuz gero, gobernu berriaren osaketan %40 eta %50 arteko pisua lortuko zuten, azkenean gertatu den gisan. Eta akordiorik ezean, hauteskundeetan litekeena da bozka independentistak ageriko bi muturrak zigortzea akordioa galarazteagatik. Hau dena fikzioa da noski, baina burutik pasako zitzaien. ANCko (Kataluniako Asanblada Nazionala) presidente Jordi Sanchezen adierazpenak oso gogorrak izan ziren "Estatuaren izaera autoritarioa agerian utziko duen gatazka instituzional eta demokratikoa da prozesuaren oinarria zabaltzen duena" CUPekiko. Erabakitzeko eskubidearen aldeko zenbait antolakunderen kritika norabide bakarrera mugatu direla sentitu al duzue? ANCren aniztasun ezaz kexu izan gara, beraz orain komenigarria litzateke guk zenbait plataforma eta antolakundetan aktiboago parte hartzea, zati baten alde egin beharrean mugimendu independentista osoarentzako balioak izan daitezen. Gure izatea ukatzen duen estatu batekin talka egitera goaz eta horretarako gizarte antolatuaren indar handia behar da. Kataluniako errepublikarantz, biderik al da desobedientziarik gabe? Ez, jakina ezetz. Aukerarik legoke Espainiak bere Konstituzioan autodeterminazioa jasoko balu. Estatuak gatazka demokratiko hau bide legezkoetatik konpontzea ukatu duen mementotik, kontziente izan behar dugu gure eskubideen alde egiteko desobeditu beharko dugula. Eta hori posible al da Convergènciarekin? CDCk ez du prozesua gidatzen. Eragiteko pisu garrantzitsua duela esango nuke. Horren froga da azken lau urteotan beren lehentasunak ez direla beti bete izan. Haiek saiatu ziren 2012ko Diadaren manifestazioak akordio fiskalari erreferentzia egitea, eta azkenean onartu behar izan dute bide zentrala aldarrikapen independentista izatea. Convergència Democràticaren mugak erakusten ditu horrek. Iraultza orok barnebiltzen du erregimenarekin eroso ziren sektoreen zati bat, prozesuak aurrera egin ahal jarrera apurtzaileetara hurbiltzen dena. Horrela gertatu zen Frantziako iraultzan, errusiarrean eta beste prozesu historiko askotan. Gihar independentista indartu eta %50eko langa gainditu dezan, Carles Puigdemont figura egokia al da? Bai. Estatuaren izaera autoritarioa agerian utziko duen gatazka instituzional eta demokratikoa da prozesuaren oinarria zabaltzen duena. Eta jakina, bestelako eredu soziala bere egingo duen prozesua izan behar du, krisiak gogorren zigortutako herritarren beharrei erantzuteko gai izango dena. CUPeko eta Endavanteko kide Laia Altarribak ondorengoa adierazi zuen L'Accent hedabidean: "Convergènciakoak prozesua deritzon horren gurdira igo dira poltsikoa banderarekin estaltzeko". Alde oportunista egon liteke, baina gehiengo zabalaren hautua sakoneko joera baten ondorioa delakoan nago. Zenbait "Independentistok Espainiako gobernu berriaren aldetik espero dugun bakarra da autodeterminazioa, erabakitzeko eskubidea eta erreferendum loteslearen antolaketa onartzea" gizarte klasek uste zuten eredu autonomikoak ondo funtzionatzen zuela aurrekontu publikoa beren artean banatzeko baliogarria zelako. Baina orain dela urte batzuk hori aldatu zen eta burgesiaren maila baxuenarekin lotutako zenbait gizarte klase hasi ziren Trantsizioak ezarritako adostasunetatik politikoki deskonektatzen. Horrek, neurri batean, azaltzen du CIU bitan banatu izana. Begi-bazterraz begiratzen al diozue Espainiako gobernu berriaren eraketa prozesuari? Oso interesgarria da gertatu daitekeena, baina guk independentistok gobernu berriaren aldetik espero dugun bakarra da autodeterminazioa, erabakitzeko eskubidea eta erreferendum loteslearen antolaketa onartzea. Hortik harago beste guztiak ez digu axola. Gurekin ez dezatela kontatu Estatuko erakundeen erreforma estetikoetarako, ezta elkarrizketa antzuak betiko luzatzeko ere. Zer agindu dizue medikuak barne zauriak sendatzeko? Eztabaida politikoa da antolakunde bateratua izateko botika bakarra. Erraz da esaten eta zailago egiten, egunerokotasunak galarazten duelako erabakitze prozesu lasai eta konplexuagoak garatzea.
news
argia-6574cf30d0c5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/poemak-zeruan.html
Poemak zeruan
Jakoba Errekondo
2016-02-21 00:00:00
Poemak zeruan Gibran Khalil Gibran poeta eta artista egun Libano denaren barrutian jaio zen Otomandarren Inperioaren garaian, 1883an. Artista izugarria omen zen. Niri berak idatzitako aipu txiki batek piztu dit arreta. Khalilek zioen lurrak zeruan idazten dituen poemak direla zuhaitzak. Rabindranath Tagore eragile eta idazle bengalarra zen, Kalkutan 1861ean jaioa, eta 1913an Literatura Nobel Saria irabazi zuen. Bere kulturako paisaiez erruz idatzi zuen, tartean honoko hau: "Entzuten ari den zeruari hitz egiteko lurraren ahalegin amaigabea dira zuhaitzak". Zuhaitzak landatzeko sasoian gaude. Lan hori hartzeko arrazoi bila ez dago zertan urruneko poetengana jo. Neuk, ordea, naturaren garrantziaz jabetzeko poetek asko laguntzen dutela ikasi dut. Zientziak esango digu zuhaitzak janaria ematen digula, uraren kutsadura galarazten duela. Poetak esango du zuhaitzak ez zaituela traizionatuko. Zein baino zein, hirurak arrazoi bikainak zuhaitzak landatzeko. Niretzat, funtsezko beste arrazoi bat bada zuhaitzak etengabe landatzeko. Klima dela eta ez dela, gure buruan daukagun borrastea ikaragarria da; batik bat eguraldiaren iragarpena negozio asarrea bihurtua dugunetik. Naturatik gero eta bereiziago bizi garenez, izugarri kostatzen zaigu ingurumena ezagutzea eta sudur-muturretik haraxeago gertatzen denaz jabetzea. Horretan, zuhaitzek urgentziazko laguntza ematen digute, laguntza itzela. Begirada luzatzera gonbidatzen gaituzte. Urrutitik erraz ikusten dira, eta, besterik ez bada, urtaroak garbien adierazten dituztenetako landareak dira. Urtaroak, bai; dagoeneko gure jakintzatik ezabatzen ari garen sasoi horiek... Jon Gerediaga poeta bilbotarrarentzat ere zuhaitzek aparteko garrantzia dute; izenburuan jaso ditu Argia, lurra, zuhaitza, zerua liburuan. Poeta sasoiek erasaten diote: "Pozik nago udaberria heldu delako...". Poetak landareak nahitaezkoak ditu: "Eta hitz hauek ez dute inporta / lore zuriak lore zuriak". Zuhaitzak landatzeko sasoian gaude.
news
argia-38792ed1bc3f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/iker-moreno.html
"Torturaren imajinarioa zabaltzeko lan handia egin behar da oraindik"
Arantza Santesteban
2016-02-21 00:00:00
"Torturaren imajinarioa zabaltzeko lan handia egin behar da oraindik" Torturatuaren buzoa jantzita ibili da Torturaren Aurkako Egunaren harira antolatu duten ekimen sorta dela eta. Bestelakoan Iker da, langilea, artista, laguna. Ez du bere burua kategoria itxietan babestu nahi; are gehiago, ariketa zintzoa egin du bere buruarekin eta erabaki du iraganean bizitako militantzia, kartzela eta tortura saioak, baita epaiketaren zain daraman denbora ere, berak nahi duen moduan biziko dituela: maskararik gabe, bere emozioak eta barne prozesuak erdigunera ekarriz. Buzoa jantzi duzu egun hauetan baina entzun izan dizut ez duzula torturatuaren paperetik eraiki nahi zure burua. Hala da, tortura eta kartzela nire bizitzan eman diren egoerak izanik ere, uste dut beste hamaika elementu gehiago dagoela nire biografian; hala, ez dut preso ohi edo torturatu ohi etiketapean soilik eraiki nahi nire identitatea. Dena den, egun hauetan jantzi hori jarri dudala esaten dut ohitu naizelako egin zidaten hori noizean behin ateratzen, tripak irekitzen, daukadan hori bota eta berriz ere orbainak josten, helburu politiko zehatzak lortze aldera, baina baita terapia modura ere. Une honetan zein da zure harremana eragin zizkizuten torturekin? Esan dizudan bezala, lanketa handia egin dut gaiarekin. Hasiera batean, espetxetik atera nintzenean kaleko egunerokoari eutsi nion bizitakoari arreta berezirik eskaini gabe. Baina denborarekin ohartu nintzen zerbaitek ez zuela funtzionatzen nire barruan; "ez dakit zer pasatzen zaidan baina hau ez naiz ni". Azalekoa nintzela. Torturek nire egunerokoan eragiten zutela baina aldi berean ez nuela ezer sentitzen. Laguntza psikologikoarekin, egin zigutena sentitzen hasi nintzen arte. Hortik aurrera, uste dut torturaren iruditegia zabaldu behar dela: ez da jazarpen fisikoa soilik, osagai psikologikoa da denborarekin gailentzen dena.   Eta Eva Foresten Una extraña aventura iritsi zen zure eskuetara halako batean. Hala da. 1977an idatzitako liburu horrek hamar emakume presoren arteko elkarrizketa kontatzen du eta torturaren imajinarioa zabaltzeko oso baliagarria egin zait. Nik buruan neukan tortura oso praktika fisikoa zela, alabaina, denborarekin metodoa sofistikatu dute eta askoz psikologikoagoa bilakatu. Ni txikitu nindutenean alderdi psikologikoak pisu handia izan zuen. Gerora ulertu dut luzera begira, barruan bestelako aspektuak geratzen zaizkizula: errua, lotsa… Pentsa, duela gutxi ohartu naiz badela antsietatea eragiten didan zerbait orain arte oharkabean pasa zaidana eta hori, hain zuzen ere, itxoitea da. Konturatzen naiz zerbaiten zain egoteak erabat urduritzen nauela eta pentsatu nahi dut torturak utzi didan arrastoagatik dela. Eva Forestek horri guztiari buruz hitz egin zuen liburu horretan; inguratzen zaituen atmosfera, psikologikoki eragiten dizuten beldurra, barruan geratzen zaizuna... Nolakoa izan daiteke aipatzen duzun kontakizun zabalago hori? Hasteko, esan beharra dago ez dela erraza bortizkeria politiko jakin bat bizi izan dugunontzat bizitzan aurrera egitea. Eta ez dut esan nahi guri gertatu zaiguna gerta daitekeen okerrena denik; bizitzan bestelako egoera gogor asko dago. Halere, jazarpen poliziala, espetxea, epaia edo tortura jasan dugunok gabezia handi batekin bizi gara: guri egin digutenak intentzionalitate politiko argia izan du eta erantzuleek ez dute egundo onartu motibo horregatik egin zigutela. Ez du inork adierazi "kalkulu politiko baten arabera estrategia oso bat diseinatu genuen zuek politikoki garaitzeko": Torturatzea ez gertatzen, erabaki egiten da, baina ez dugu horren ardura hartuko duen inor. Horrek ezberdintzen du gure bizipena beste bizipen gogorretatik; alzheimerra ez da erabaki politiko baten ondorioa, tortura bai. Bestalde, zuk ez duzu bat egiten gizon-hegemonikoaren ereduarekin.. Eraginik izan du horrek?   Noski, batez ere nire identitatean maskulinitateak eragin handia izan duelako. Nire emozionaltasuna zentroan jarri dut beti eta oro har, nire gizontasun bazterreko honek ondorioak izan ditu. Aurkarien artean zein nire kideen artean; guztietan izan du islarik. Orokorrean, ez da erraza espazio politizatu baten erdigunean dimentsio emozionala jartzea; are gehiago, esango nuke Ezker Abertzalean edota feminismoan ere, alderdi maskulinoak direla ahalduntzeko gaur egun dauden bide nagusiak. Hortik, atera kontuak. Ez dela erraza esan nahi duzu. Ez. Diferentzia horrek pisu handia hartzen du edonon. Mundu guztiak nahasten ditu identitatea eta joera, gizontasun femeninoa eta homosexualitatea. Tortura saioetan, esaterako, uzki bidezko sexua irudikatzen zuten praktikak egiten zizkidaten, horrek dituen konnotazioak agerikoak direlako; min handiagoa egingo zidatelakoan edo. Baina era berean, eta ezberdina bada ere, nireak sentitzen ditudan espazio politikoetan ere emozionaltasunak ahuldade konnotazioa du. Sentipenak mahaigaineratu izan ditudanean deserosotasuna sortu da, batetik, emozioak gune politikoetan arrotzak direlako, eta bestetik, emozio horiek azaleratzen dituena biktima bihurtzeko joera dugulako.  Eta nire ustez, guztiok sufritu dugu asko baina hori kudeatzeko moduetan dago ezberdintasuna, besterik ez. Nik, esan bezala, aspaldi erabaki nuen nire barne prozesuak nire bizitzaren erdigunera ekartzea, maskararik gabe bizitzen saiatzea. Bide horretan, nire moduei lekutxo bat egingo dio eta aniztasunetik aberastuko den Ezker Abertzale bat nahi nuke.
news
argia-85b2f1d06d49
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/paradisu-galduen-bila.html
Paradisu galduen bila
Xabier Letona
2016-02-21 00:00:00
Paradisu galduen bila Zerua hartu, hori da helburua. Eta ez kontsentsuaren bidez, asaltoan baizik, zioen Pablo Iglesiasek Podemoseko lehen kongresuan. Instituzioak azkar hartzeko sortu zen bere alderdia, eta 2014ko europar hauteskundeetatik hona instituzio askotara iritsi da Espainian. Aliantza esparruak zabalduz, 2015eko udal hauteskundeen ondoren gobernu ardura ugari hartu zituen, Madril eta Bartzelonako udalak besteak beste. Orain Espainiako Gobernuan sartu ala ez erabaki beharko du, Pedro Sanchezen PSOEk horretarako aukerarik eskaintzen badio bederen. Edota berari komeni bazaio. Sartu ala ez sartu, horra dilema. Nola indartuko da hobeto Espainiako ezker eraldatzailea, gobernuan edo kanpoan? Bide biek izan ditzakete bere onurak eta arriskuak. Bere oinarriaren zati batek gobernuan sartzea eskatzen dio, bestela PPk gobernatuko duelako. Alternatiba latza da, batez ere jakinda hark nola jokatuko duen datozen lau urteetan. Baina gobernuan sartzeak ere bere etorkizuna hipoteka dezake, Syrizari gertatu zaion moduan, areago gainera kasu honetan PSOEren menpeko izanda. Gobernuan egoteko zalantzarik ez du Pablo Iglesiasen alderdiak, baina kontua da noiz. Orain edo hauteskunde berri batzuetan indartu ondoren? Gobernuan hasteko hautuari helduz gero, bi gauza pentsatu beharko ditu zorrotz: bat, PSOEk gidatutako gobernuak murrizketa gogorrekin ekin ondoren nola jokatuko duen; eta bi, eta garrantzitsuena, apurketa emanez gero bere alternatiba nola landuko lukeen. Azken finean, gobernu barruan edo kanpoan, indar metaketarekin nola jarraitu pentsatu beharko du ezinbestean, Espainian oinarrizko aldaketak eman daitezen hori ezinbestekoa baita. Baina aliantzak ere beharko ditu horretarako, bakarrik ezingo du. Oso egoera desberdina izan arren, Gipuzkoan Bilduri gertatu zitzaiona aski esanguratsua da. Zer da oraingoz Varoufakisek lortu duen garrantzitsuena? Esperantza. Ez da fikzioa, lor liteke. Kapitalismoak bere oinarrian duen dogmarik tinkoenari aurre egitea da Estatuaren periferian indar eta aliantza garrantzitsuak izan ditzake azken hauteskunde orokorretan ikusi den gisan. Espainiaren muinean gordinagoa du, IUren indarra gehitzeak ez dirudi horren gaitza eta ez da txantxetakoa (2 diputatu, baina milioi bat boto). Hala ere, beste aliantzak ere beharko ditu, seguruenik PSOEren esparrukoak, haren jendea erakarriz edo alderdia ezkerrera eramanez. PSOE edozelako aldaketaren alternatiban jartzea erabat sinesgaitza da orain, baina izan Sanchez edo Susana Diez lemazain, honek erabaki beharko du Portugaleko PSren eredua nahi duen edo Greziako PASOKena. Bi hilabete joan dira abenduaren 20tik eta epeak aurrera egin ahala hauteskunde berrien itzala gero eta handiagoa da Espainian. PPk hori nahi izan du hasieratik, baina ustelkeriak enegarrenez inguratzen duenean, orain ez da unerik egokiena C's-eko boto emailea berreskuratzeko. Podemosentzat, aldiz, une aproposa izaten jarraitzen du eta IUren atala ondo lotuz gero ez litzateke batere harritzekoa PSOEren parean edo aurretik jartzea. Inkestek norabide hori erakusten dute. Logikak ere bai. Irudika dezagun hauteskundeak errepikatzen direla eta Podemosek eta PSOEk gobernua era argiagoan era dezaketela, baita Pablo Iglesias izan daitekeela Espainiako gobernuburu berria ere. Batetik Troika zain izango luke Bruselan, Greziarekin egindakoa errepikatzeko prest. Baina berdin jokatuko luke? Igual ez, ez behintzat Portugalek, Espainiak, Italiak eta Greziak hainbat oinarri adostuko balituzkete. Politika fikzioa? Gaur egun bai, EBn zerbait alda daitekeela pentsatzea adinako fikzioa. Yanis Varoufakis Greziako finantza ministro ohiari ez egin berba fikzioaz, berak argi du Europar Batasuna alda daitekeela. Horretarako akuilatzen du Demokrazia Europan Mugimendua 2025 (DIEM25). Ikusi du estatu bakar baten indarrik handienarekin ere ezin zaiola aurre egin Bruselari, herritarren mugimendu paneuroparra ezinbestekoa dela aldaketa demokratikoa gauzatzeko.  Zer da oraingoz lortu duen garrantzitsuena? Esperantza. Ez da fikzioa, lor liteke. Kapitalismoak bere oinarrian duen dogmarik tinkoenari aurre egitea da: kapitalismoa aldatzea posible da. Dena den, Varoufakisen helburua ez da EBn kapitalismoarekin amaitzea, berau demokratizatzea baizik. Herritarren mugimendu handia, Estatuen aliantza molde berriak, Europar instituzioetatik alderdien bultzada... Zer behar da EBko paradisuetara iristeko? Batek daki, baina saio bateratuek emaitzarik ematen ez badute, oso posible da datorren hamarkadan herriek haien zerua EBtik kanpo bilatzea. n
news
argia-a67f8181e578
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/liburua.html
Mezu sekretuen bila
Amaia Alvarez Uria
2016-02-21 00:00:00
Mezu sekretuen bila Ez tiro egin anbulantziei liburuan distopia bat topatuko dugu. Utopiaren kontrakoa, etorkizun hurbilean koka daitekeen jendarte ilunaren iragarpen moduko bat. Adibide literario ezagunenetakoak Orwellen 1984, Huxleyren Bai mundu berria eta Bradburyren Fahrenheit 451 dira. Eta hirurak agertzen dira hemen modu batean ala bestean. Distopiek humanizazioaren galera dute hizpide eta mundu errealeko zenbait gairi arreta emateko erabili ohi dira. Kasu honetan deshumanizazioa arau sozialen zurruntasunari eta teknologia berriei lotuta ageri zaigu. "Kaleko debekuak" ditugu eremu publikoan eskubide eta askatasun murrizketak azalarazteko. Pantailak eta telefonoak ordea, inkomunikazioa eta harremanen desagerpena islatzeko. Distopiaren barruan heterotopia ere badugu, "bestelako lekuak" edo arauetatik ihes egiteko aukera ematen duten espazioak: kartzela dugu abiapuntu eta hotela helmuga protagonistek egindako ibilbidean. Edo hotelean hasi eta kartzelan amaitzen da istorioa? Liburu honetan egileak egiturarekin esperimentatu du. Izan ere, lau atal nagusi daude: III, II, I, eta 0, kronologikoki atzekoz aurrera kokatuta. Irakurleari informazioa tantaka ematen zaio era horretan, eta amaieratik hasten da narrazioa. Lehen eta bigarren atalak borobilak dira, beregainak izan zitezkeen. Hurrengoetan agian informazio gehiegi ematen zaigu aurretik solte utzitako hari mutur guztiak ondo lotu nahian. Aurkezten zaigun mundu hotz, motel eta grisean Gerard eta Sylvie dira protagonistak. Azaleko irudiari kasu eginez gero, Magritteren Les amants koadroaren arabera, desira frustratua edo ezinezko maitasuna ere izango da liburu honetako gai eta kezka. Baina paradoxikoki, mundu berri bat sortzeko borrokak lehentasuna izanik distopia honetan, ez dago tarterik pertsonen arteko zubiak eraikitzeko, nahiz eta sortu nahi den munduan pertsonen arteko kontaktua eta komunikazioa berreskuratu nahi den eta bitartekari diren tresna eta makinak bazter utzi, automata izateari utziz eta bizidun izatera bueltatuz. Eta hain zuzen horri egiten zaio muzin lortu bitarteko borrokan. Amaitzeko, asko gustatu zaizkigu hitzei, liburuei eta literaturari buruz tartekatutako gogoetak, hauen indarra eta arriskua nabarmendu nahian egindakoak. Hitzekin jolasean horrelakoak topatu ditugu: "Burmuinaren zirrikituetatik abailtzen ari zaizkizu hitz guztiak, letraka zulo beltzean desagertzen, bizkarretik behera odolarekin nahasian, nahinora eta inora ez. Oroimina eta haren eskutik mina. Askatasuna eta asuna. Laztura eta ura. Heriotza eta hotza". Pertsonaien izenekin ere jolasean dabiltza testuartekotasun ariketa bat proposatuz. Izenak aldatzeko ohitura du pertsonaietako batek. Bere gustuko liburuetatik hartzen ditu berriak, irakurlearentzat ezagunak izan daitezkeenak eta beste liburu batzuetara salto egiteko gonbitea egiten dutenak. Liburuz liburu mezu sekretuen bila abiatzeko deia dugu esku artean.
news
argia-a3843cde7b47
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/diskoa.html
Barrokoz blai
Montserrat Auzmendi del Solar
2016-02-21 00:00:00
Barrokoz blai Hasi da Gasteizen Kontzertu Handien XI. zikloa. Aurreko urteetan bezala, izen ospetsu eta kalitatezkoak izango ditugu bost saiotan, nahiz eta esan dezakegun, egitaraua ikusita, aurtengoa agian aurrekontu txikiagokoa dela. Bestalde, zikloaren kudeaketa promotore baten eskuetan geratu da eta desberdintasunak ikusten dira, adibidez eskuko programa askoz pobreagoetan. Baina goazen musika aztertzera. Aldi honetan, antzinako musikan espezializatuta dagoen talde bat izan dugu, Forma Antiqua eta kontratenor onenetako bat, Carlos Mena gasteiztarra. Bai taldeak, bai abeslariak errekonozimendu handia dute mundu osoan, eta Principal Antzokian emandako errezitaldian erakutsi zuten ospe hori merezia dela. Kontrastedun egitaraua eskaini zuten. Alde batetik, Bachen soiltasuna, eta, bestetik, Vivaldiren eta Händelen musikaltasun fresko eta bizia. Bigarren honetan sentitu genituen artistak erosoago, à l'aise' Saioa hasteko, Bachen Concerto for oboe d'amore entzun genuen. Jatorrizko tresnez osatutako taldeak sonoritate eder eta orekatua lortu zuen. Bestalde, oboe bakarlariak abileziaz proiektatu zuen bere antzinako instrumentuaren soinu txiki baina beroa. Jarraian Ich habe genug ( Nahikoa daukat ) kantata sentitua disfrutatu genuen. Carlos Menak jakinduriaz erabili zuen bere tinbre bereziko ahotsa, primeran modulatuz uneoro. Bigarren zatian beste mundu musikal batean murgildu ginen. Bachen barroko protestanteak ez du zerikusirik Vivaldiren Venezia katoliko eta haragitsuarekin. Händelen Concerto grosso 10 obra sarrera aproposa zen Vivaldiren kantata eta salmoentzat. Concertoa, lan dinamikoa, suite frantziar baten antza duena, taxuz interpretatu zuen Aarón Zapicok zuzentzen duen taldeak, doitasunez. Baina plater ederrenak Vivaldiren lanak izan ziren. Konpositore honen Cantata Cessate, omai cessate ren bizitasuna primeran iritsi zitzaigun, batez ere Menaren abesteko modu eta fraseaketa freskoari esker. Gauza bera esan dezakegu Salmo 106 Nisi Dominus obrari buruz. Bertsio distiratsua eta orekatua egin zuten. Propina gisa, Antonio Caldararen Magdalena Kristoren oinetan kantaren zati bat interpretatu zuten. Gozagarria.
news
argia-29516ae094eb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/osakidetzan-euskaraz-eskainiko-ez-dizutenez-zuk-eskatu.html
Osakidetzan, euskaraz eskainiko ez dizutenez, zuk eskatu
Onintza Irureta Azkune
2016-02-21 00:00:00
Osakidetzan, euskaraz eskainiko ez dizutenez, zuk eskatu Odol analisiak, historia klinikoa, traumatologoaren txostena... ez dituzu sekula euskaraz irakurriko, ez bada aurrez euskaraz jasotzea eskatu duzula. Eskariak eskaintza aupatuko duela uste du Aitor Montes Aramaioko medikuak. Iaz Arrasaten bezala, orain Oñatin egin dute osasun informazioa euskaraz eskatzeko kanpaina. "Osasun arreta euskaraz eskatzen badugu, orduan ikusiko dute horren beharra, eta hasiko dira eskaintzen. Zenbat eta gehiago eskatu, orduan eta gehiago eskainiko dute", adierazi dio Aitor Montesek Goiena agerkariari. Uste horrekin, otsailaren 17an, Oñatin, Bidebarrietako erabilera anitzeko gelan eskaera bilketa egin dute. Eskaera bilketa egiteak honakoa esan nahi du: Aitor Montes medikuak eta ekimeneko beste kideek dokumentazio klinikoa, ekografia, pediatria, ginekologia eta traumatologiako zerbitzuak eta erresonantzien emaitzak euskaraz jasotzeko eskaera ereduak prestatu zituzten. Ordenagailuetan eskaera ereduak ireki eta herritarrek zein eskaera mota egin nahi zuten esatea besterik ez zuten. Ekimeneko kideak eskaerak edo kexak Osakidetzara helarazteaz arduratuko dira, eta horretarako hizkuntza eskubideen urraketak azaleratzeko dauden bi bideak erabili dituzte. Batetik, Eusko Jaurlaritzako Elebide zerbitzura bidali dituzte, eta bestetik, Akuilari aplikazio estreinatu berria erabiliz Hizkuntz Eskubideen Behatokira. Oñatikoa ez da lehen saiakera. 2015eko martxoan Arrasaten egin zuten estreinakoa. Aitor Montes medikua eta Garazi Sagasta erizaina Arrasateko Euskal Herrian Euskarazkoekin elkartu ziren azken horiek kudeatzen duten Jai Zale tabernan. Kexa poteoa deitu zioten kanpainari, eta ostiraletako tabernaz tabernako prozesioa baliatuz, hainbat herritarrek eskaerak bete zituzten. Ekinaldi hartan, arratsalde batean, 78 kexa eta iradokizun jaso zituzten. Halako saioek izan dezaketen eragina azpimarratu nahian, Montesek 2013an Elebiden jasotako kexa kopuruarekin alderatu du: osasun arloari lotutako 20 kexa. Aramaioko medikua baikorra da eta dio Arrasateko eta Oñatiko bilketa modua erabilita 2.000-3.000 eskaerara heltzeko aukera dagoela. Hasierako argumentaziora itzuliz, eskariak eskaintza behartuko duelakoan, gaur-gaurkoz Osakidetzak ez baitu euskarazko osasun arretarik bermatzen. Zergatik ez gara kexatzen? Osasun arloa ez da hizkuntz eskubideak errespetarazten hasita euskal hiztunak borrokalarien ibiltzen diren eremua. Bi behintzat izan daitezke arrazoiak. Batetik, osasun zentrora gerturatutakoan pazienteak sarri uzten ditu bigarren mailan hizkuntz eskubideak, osasunez pattal dabilelako, zer daukan ez jakin eta kezkatuta dagoelako… nahikoa lan bere buruarekin. Bestetik, Osakidetzaren egitura konplexuak ere ez du batere laguntzen hizkuntz eskubideak urratzen direnean kexa nola bideratu asmatzen, eta helburua lortzen. Horregatik, Arrasateko eta Oñatiko ekimenen bultzatzaile Aitor Montesen iritziz, osasun langileek beraiek asko egin dezakete euskal hiztunen eskubideak errespetatzeko baliabideak eskaintzen.
news
argia-080ca76a6d1a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/zozketa-bidezko-demokrazia.html
Zozketa bidezko demokrazia
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-02-21 00:00:00
Zozketa bidezko demokrazia Atenas, K.a. 330. Aristotelesek (K.a. 384-322) Politika idatzi zuen. Eta obra horretan, beste eduki askoren artean, praktika demokratikorako arauak jaso zituen. Hona hemen bederatzi arauok laburbilduta:   – Magistratura guztiak guztion artean hautatzea.   – Guztiek bakoitzaren gainean agindu dezatela eta bakoitzak, txandaka, guztien gainean.   – Kargu publikoak zozketaz esleitu daitezela, guztiak edo esperientzia eta ezagutza teknikoa eskatzen ez dutenak.  – Pertsonak berak ez dezala behin baino gehiagotan kargu publiko bera izan, edo salbuespenezko kasuetan soilik izan dezala.  – Pertsona berak kargu publiko gutxi izan ditzala, gerrarekin lotutakoak izan ezik. – Kargu publiko guztiak iraupen laburrekoak izan daitezela, ahal den neurrian behintzat. – Hiritar guztiek, guztion artean aukeratuta, justizia administratzea. – Herriaren Batzarrak gauza guztien edo garrantzitsuenen gaineko subiranotasuna izan dezala. Inolako kargu publikoak ez du subiranotasunik izango ezeren gainean edo, izatekotan, garrantzi gutxiko gaietan izango du.  - Kargu publiko bat bera ere ez dadila bizi bitartekoa izan. Eta bateren bat geratzen bada, kargutik kendu behar da, eta zozketagarri bihurtu, bozketa bidez aukeratu ordez. Atenasen arau horiek indarrean jarri zituzten. Jakina, filosofoak "guztiak" aipatzen zituenean gutxiengoaz ari zen; IV. mendean Atikan 250.000 edo 300.0000 pertsona inguru bizi ziren, hiritarren familiako kideak 100.000 ziren eta, horietatik, gizonezko helduak eta, beraz, Batzarrean parte hartzeko aukera zutenak, 30.000 inguru besterik ez. Baina zozketa erabiltzen zuten kargu publiko gehienak banatzeko. 100 bat magistratura –nagusiki buruzagi militarrak eta kontulariak– bozkatuz hautatzen zituzten baina gehienak, gainerako 600ak, zotz eginda banatzen zituzten. Metodorik demokratikoena iruditzen zitzaien, baita bozak erosteko ustelkeria saihesteko bide egokia ere. Gainera aukera berdintasuna bermatzen zuen. Arriskuak ere bazituen: kargua egokitutako pertsonak ez zuen zertan alor horretan aritzeko gaitasuna izan. Horregatik, batzuen gabeziak besteen dohainekin berdintzeko, taldean egiten zuten lan. Finean, gehiago kezkatzen zituen boterea eta ondasunak esku gutxitan biltzeak, kargu batzuen gaitasunik ezak baino. Bi milurteko geroago, besteak beste, Montesquieuk eta Rousseauk zozketa bidezko demokraziaren onurak aldarrikatu zituzten. Baina egun demokrazia eta zozketa lotzea zentzugabekeria iruditzen zaigu, kanpainetan dirua errekara botatzen den, gaitasunik eza oztopo ez den eta ustelkeriari aurre egiten ez dion sisteman.
news
argia-c523e6ef2de0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2496/espainiako-gobernagarritasuna-desblokeatuta.html
Espainiako gobernagarritasuna (des)blokeatuta
Asier Blas Mendoza
2016-02-21 00:00:00
Espainiako gobernagarritasuna (des)blokeatuta Hauteskundeak errepikatzea da Espainiako Gobernuko presidenteak bere karguan mantentzeko daukan aukera bakarra. Kasu horretan litekeena da PPk Rajoy aurkeztu baino beste aukerarik ez izatea eta bide horretatik, Ciudadanosera ihes egindako botoen parte bat berreskuratuko balu, abenduaren 20ko garaipen motza luzatzeko abagunea izan dezake. Beraz, printzipioz PP izan daiteke hauteskundeak errepikatzearen aldekoena. Beste alderdi nagusiek aldiz, badute hauteskunde berri batzuen aurrean beldurra izateko motiborik. Praktikan "bigarren itzulia" izango litzateke eta honen efektuak zein diren ondo dago neurtuta bi itzulietako hauteskunde sistemak dituzten herrialdeetan. Salbuespenak salbuespen, oro har, partaidetza igo eta bi alderdi nagusietara doan boto kopurua handitu egiten da. Espainian bigarren itzuli kutsuko hauteskunde batzuk aztertzeko kasu bakarra Andaluziakoa da. 1994ko hauteskunde autonomikoak PSOEk irabazi zituen, baina gobernagarritasunerako Izquierda Unidaren (IU) babesa ezinbestekoa zuen. Ezegonkortasuna hain handia zenez, azkenean, 1996ko  martxoaren 3an hauteskundeak egin ziren berriro: partaidetza %10 igo zen, batez ere sozialisten mesedetan. Ezkerreko akordioa ez babestu izanagatik eta boto baliagarriagatik zigortua izan zen IU. Bigarren itzuli bat izango balitz, PPk eskumaren boto erabilgarria jasoko luke, baina ezkerrekoen artean ez dago lidergo argirik hori eskuratzeko. Andaluzian PSOEk 45 diputatu zituen eta IUk 20, aldea handia zen boto erabilgarria identifikatzeko. Oraingo Espainiako Kongresuan aldiz, indar aurrerakoi nagusiek atera dituzten boto kopuruak antzekoak dira (341.000 botoetako aldea sozialistentzat) eta diputatuetan distantzia ez da hain handia, 90 sozialistentzat eta 69 Podemos eta bere aliatuentzat. Horri erantsi dakioke IUk atera dituen ia miloi bat botoren ehiza-eremuan Podemosek bere alde mobiliza dezakeela boto baliagarria. Ezkerreko gobernua osatzen ez bada, hautesleek errudun bezala izendatzen dutena izango da galtzailea ezkerreko lidergoaaren borrokan. Beldur horrek eraman ditzake Podemos eta PSOE akordio batera ailegatzera. Horrela balitz, hasieran ibilbidea izango lukete PPk martxan jarri dituen lege eta ereformak atzera botarazteko Lehia estuak zaildu egiten du politika publikoetan aliatuak izan daitezkeen alderdien arteko akordioa, izan ere, baliabideen banaketan (boto/kargu/botere) arerioak dira. Ondorioz, borroka negoziazioen narrazioan dago. Ezkerreko gobernua osatzen ez bada, hautesleek errudun bezala izendatzen dutena izango da galtzailea ezkerreko lidergoaren borrokan. Beldur horrek eraman ditzake Podemos eta PSOE akordio batera ailegatzera. Horrela balitz, hasieran ibilbidea izango lukete PPk martxan jarri dituen lege eta erreformak atzera botarazteko: Mozal legea, LOMCE, lan erreforma, abortuaren legea eta gastu publikoari muga jartzen dion Konstituzioaren 135. Artikulua (azken hau PSOEk bultzatutakoa). Halere, jakina da botere faktikoek eta hauen esanetara dauden sozialisten partetik erresistentziak izango direla. Alternatiba, ordea, ez da erraza. Erregimenaren defentsa burutuko lukeen koalizio handi bat, esplizitua edo mozorrotua, aukera hau oso arriskutsua litzateke PSOErentzat, izan ere, desgaste handia sufritu eta ezkerreko erreferentzia nagusia izateari uzteko aukera asko lituzke. Horregatik, alderdi sozialistarentzat kostu txikiena lukeena PSOE eta Ciudadanosen arteko akordio bat izango litzateke PPren abstentzioarekin. Baina puntu horretara iritsi ahal izateko, aldez aurretik PPk eta botere faktikoek ikusi eta sentitu beharko lukete ezkerreko koalizio bat posible eta sinesgarria izan daitekeela. Orain arte Pedro Sanchezek ezkerreko koalizioari keinu batzuk egin dizkio, Portugalera eginiko bisita bezalakoa, baina gobernuko presidente izan nahi badu, gehiago egongo dira.
news
argia-fd809a21ffa0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/bidelagun-bat-gernikaren-zidorretan.html
Bidelagun bat Gernikaren zidorretan
Itziar Ugarte Irizar
2018-02-18 00:00:00
Bidelagun bat Gernikaren zidorretan Espazioaren barrea (Gernika) erakusketan eginiko bisita gidatuaren kronika. Non: Donostian, San Telmo museoan. Noiz: Urtarrilaren 27an. Erakusketa zabalik otsailaren 25era arte. Larunbat goiza da. Eta han noa, itsas albotik, Urgull azpira, Jose Ramon Amondarainen Espazioaren barrea (Gernika) ikustera. Hamaikak jotzear sartu naiz San Telmora, lehen aldia dudan arren, bai baitakit orduan direla euskarazko bisita gidatuak. Sarrerakoak aurkeztu dit bisita egingo didan langilea, dei dezagun, M. "Badirudi zu bakarrik egongo zarela", diost. Tira, sorbaldak jaso, eta atzetik noa. Ate bat igaro, eta erakusketan sartu aurretik, sarreratxoa egin dit M-k. "Jendeak uste du Picassoren Gernika -ri buruzkoa dela erakusketa, baina ez: J.R. Amondarainen erakusketa bat da. Gernika aitzakia baino ez da". Bidelagun bihurtu gara, hemen eta orain, M eta biok. Erakusketaren atarian gaude, eta egurrezko zortzi kaxa handi ditugu parean. 2012an, Gernika ren 75. urtemugan, Dora Maarrek artistari egin zizkion zortzi argazkiak margotu zituen Amondarainek Gernika ren tamainan, Gasteizko Artiumerako. Picassoren oinordekoek jabetza eskubideak baliatuta, lanak kentzera behartu zuten. Bada, debekatutako oihal horiek daude kaxetan, azaldu dit M-k. Eta hor, lanok erakusteko ezinean eta arte sistemaren arrakaletan, ardaztu du Espazioaren barrea (Gernika) Amondarainek. Orain bai, erakusketa aurrez aurre daukagu. Eskuineko bidean, hiru koadro daude –zuri-beltzean, koloretan eta kamuflaje koloretan–. " Gernika ren figurak ezin dira kopiatu, estiloa bai", azaldu du antzekotasuna M-k. Hiru margolanetan azkena tamaina bikoitzekoa da. "Zergatik?", diot. "Bisitaria txikiago sentiarazteko Gernika den ikonoaren aurrean", dio. Ezkerraldean, olioa lehortuz egindako eskultura txikiak daude zintzilik. "Macguffin-ak" direla dio M-k, aitzakia bat. Kiskalita dirudite, eta bonbardaketaren usain errea dakarte. "Picassoren munduko sinboloak koadrotik atera ditu: margoaren materializazioa". Ados diot buruarekin, ukitzen dut ideia. Jarraitzen dugu erakusketatik pasieran, eta, iruditzen zait, azkena erakutsi didanak harrapatu nauela gehien. Argazkiak dirudite, baina margolanak dira, ikusleak gurutzatu eta eztabaidan jarri beharrekoak: Reina Sofian Gernika ren kontserbazioa egiten duen Pablito ordenagailua, Artiumeko sala bat, Gernika ren graffiti bat Gernika Espainiara heldu zenekoa, soldadu estatubatuarrak IwoJima-n eta hala hamasei lan denera. " Gernika ren biografiari buruzko marrazkiak dira", dio M-k. Horrekin amaitutzat eman ditu azalpenak. Niretzat baino ez, eta, halere, gogo biziz aritu da. Arratsaldean beste bisita bat duela diost, espainolez, eta hor bai, talde majoa elkartu ohi dela. Horma kontrako aulki batera itzuli da M, eta ibilitako bidea desibiltzen joan naiz ni. Gomendioa esan gabe doa: otsailaren 25era arte ibili ahalko dira Gernika ren zidorrak.
news
argia-6d79ce0d9c49
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/jessica-martin-da-silva-diseinatzailea.html
"Jendeak ikusten gaitu gurpildun aulkian ia mugitu gabe eta pentsatzen du inutilak garela"
Mikel Garcia Idiakez
2018-02-18 00:00:00
"Jendeak ikusten gaitu gurpildun aulkian ia mugitu gabe eta pentsatzen du inutilak garela" Jessica Martin irundarrak 24 urte ditu eta garun-paralisia du jaiotzetik. %95eko elbarritasuna dauka, gurpildun aulkian mugitzen dute eta apenas hitz egin dezake. Baina ez zaitzatela aurreiritziek engaina: bere egunerokoa ohean irudikatu baduzu, oker zabiltza. Buruan janzten dioten likornioari esker, idatziz komunikatu ahal izateaz gain, arroparako diseinuak egiten ditu, bigarren liburua ari da idazten eta ilustratzen, erakusketa egin berri dute bere margolan eta diseinuekin, hainbat enpresa eta proiekturentzako logoak egin ditu… "Bestela aspertu egiten naiz", dio. Jendeak bera ikusi eta "ai, gaixoa" esatea gorroto du. Hala dio bere bizipenei buruz idatzi zuen liburuan ( Desde otro punto de vista ). Orain haurrentzako liburu bat ari da idazten eta ilustratzen, baina bere pasioari muzin egin gabe: zapatila, jaka, abaniko edota kamisetetarako diseinuak egitea. Pertsonaia propioa ere sortua du (Poño izeneko marrazkiak) eta diseinuak ikusgai eta salgai ditu berak egindako webgunean ( ropadejessi.com ). Hainbat enkargu jaso ditu dagoeneko. Elkarrizketa idatziz egin dugun arren, elkar ezagutzeko hitzordua Irungo Martindozenea gaztelekuan jarri dugu, bertan erakusketa antolatu baitute Jessica Martinen lanekin. Diseinuari buruzko tailer bat ere eman die gazteei. Pertsonalitate handiko emakumea da, perfekzionista eta alaia. Arte grafikoei buruzko ikasketak ari da burutzen, eta aurretik animazioa eta 3D ikasketak eginak ditu, baita gradu bat ere, Arte Grafikoetan. Bi urteko gradua hirutan ateratzera behartu zuen administrazioak, erritmoa jarraitzeko gai izango ez zela ondorioztatuta, baina lezioa eman zien Jessica Martinek: klaseko nota onenak atera zituen. Administrazioak pentsatu zuen ezingo zenuela gradua bi urtetan atera. Elbarriei buruzko ezjakintasun handia dago? Nire ustez bai. Jendeak ez du gu ezagutzeko tarterik hartzen, eta gero halakoak gertatzen dira. "Elbarri" etiketa jarri diotelako, bere gaitasunak gutxietsi eta aukerak eman ez dizkiotelako… jendea bere ametsak gauzatu gabe geratzen dela uste duzu? Bai, argi eta garbi. Jendeak ikusten gaitu gurpildun aulkian ia mugitu gabe eta pentsatzen du inutilak garela, edo ez garela gai hainbat gauza egiteko. Kaletik baldin banoa eta norbait hurbiltzen bada nire gurasoekin edo laguntzen ari zaidan pertsonarekin hitz egitera, 5 urteko ume bati bezala zuzentzen zaizkit, eta atzetik dator betiko galdera gorrotagarri hori: "Hitz egiten al du neskatoak?", "ulertzen al du?". Ongi ahoskatu ahalko banu, bati baino gehiagori argi utziko nioke ez naizela haiek uste duten modukoa. "Nire bizitzaren kontrola hartzea eta abusoiei aurre egitea izan zen gakoa: ulertaraztea ezingo nindutela menpean hartu. Gurpildun aulkiarekin oinen bat edo beste zapaltzea ere lagungarria da; gero nahigabe izan dela esan eta kito" Zure liburuan kontatzen duzu kritika eta irainei kasurik ez egiten eta bullyingari aurre egiten ikasi zenuela. Ez zen prozesu erraza izango. Ez, ez da gauza erraza, eta niretzat ere ez zen batere erraza izan. Zorionez, une gogor horietan lagun on batzuk ere banituen, eta nire familia, jakina, baina familiak ez zuen inongo momentutan jakin zeinen gaizki ari nintzen pasatzen. Pixkanaka, nire burua onartzen hasi nintzen, naizen bezalakoa onartzen, eta norbaitek adarbakar deitzen bazidan (likornioa ia denerako erabili behar nuelako), edo lau-hanka (gurpildun aulkian joateagatik) edo " The Ring -eko neska" (nire barre eskandalosoagatik)… azkenerako nire erantzuna izan zen: "Bai! Eta zer? Arazoren bat duzu horrekin?". Nire bizitzaren kontrola hartzea eta abusoiei eta jazartzen nindutenei aurre egitea izan zen gakoa: jakinaraztea eta ulertaraztea ezin nindutela eta ezingo nindutela inoiz gehiago menpean hartu (eta gurpildun aulkiarekin oinen bat edo beste zapaltzea ere lagungarria da; gero nahigabe izan dela esan eta kito). Nire kasuan, halakoen aurrean irakasleek ez zuten ezer egin, eta behin eta berriz esan arren jaramonik egiten ez dizutenean, azkenean zure kabuz ekiten diozu edo hondora zaitzaten uzten duzu. Nik erabaki nuen nire kabuz ekitea. Zein esanahi du zuretzat margotzeak, diseinatzeak? Nola lagundu dizu zure bizitzan? Ez dit lagundu, besterik gabe nire pasioa da. Niretzat marrazten jartzea da beste mundu batean egotea, kolorez eta sormenez beteriko mundu batean. Erlaxatzeko edo isolatzeko beharra dudanean, margotzen hasten naiz. Arropa eta osagarrien gainean marraztea, eta ordenagailuan diseinuak eta ilustrazioak egitea ez dira gauza bera; margotzeko menpekoagoa naiz, gurasoen edo beste pertsonaren baten laguntza behar dudalako pintzela aldatzeko edo potean pintura gehiago botatzeko. Hori bai, likornioa jantzi eta tableteko arkatza ipintzen badidate, orduak eta orduak bakarrik eman ditzaket tabletean eta ordenagailuan diseinatzen edo ilustratzen. "Burua zuri utzi eta irudimenari hegan egiten uzten diot. Batzuetan harritu egiten naiz marrazten dudanarekin!" Poño izena darama zure zigilu pertsonalak (begitzat bi biribil beltz dituzten pertsonaiak, bata bestea baino handiagoa). Zer dago pertsonaia hauen atzean? Historia kuriosoa da, Poño sortu nuen egunean katarroarekin nengoelako, inspiraziorik gabe. Pentsatu gabe margotzeari ekin nion, hiru borobil eta marratxo bat (ahoa), eta emaitza gustatu zitzaidanez, bukatu arte jarraitu nuen. Gero, nire aitak ikusi zuen eta esan zidan, "hori poño bat da!", eta izen horixe geratu zitzaion. Ez du esanahirik, eta batez ere kamiseta eta jantzietan marrazten ditut. Zein da zure inspirazio iturria, zure prozesu sortzailea? Tim Burtonen pertsonaia eta pelikula guztiak ditut inspirazio iturri. Baita beldurrezko pelikulak ere, edo erromatarren garaikoak, eta batez ere fantasiazko pelikulak. Nik neuk dudan sormenak asko laguntzen du; batzuetan harritu egiten naiz marrazten dudanarekin! Prozesua oso sinplea da: burua zuri utzi eta irudimenari hegan egiten uzten diot. Ñabarduretan arreta handia jartzen dut, baina egun txarrak ere baditut, diseinu oinarrizkoagoa egin eta kito, eta hara, jende batek horiek gustukoago ditu. Erakusketa egin dute Jessica Martinen lanekin, Irungo Martindozenea gaztelekuan. Zeintzuk dira zure ametsak? Diseinuaren arloan lan egiten ikusten duzu zure burua? Diseinatzaile profesionala izan nahi dut, bai diseinatzaile grafiko, bai modako diseinatzaile. Arazo bakarra da ezin ditudala eskuak erabili arropa egiteko, baina pozarren hartuko nuke norbaitek esatea: "Aizu, nire bilduma berrirako hainbat eredu ordenagailuz diseinatzea behar dut, negoziatuko dugu?". Gauza zaila dago eta halakorik suertatuko ez balitz, buruan dudan beste aukera da ipuinentzako ilustrazioak sortzea, edo marka korporatiboak, logotipoak… Zure galderari erantzunez, bai, ikusten dut nire burua diseinuaren arloan, eta esperantza dut hor lan egiteko. "Ez dut uste ezeren beldur naizenik. Egokiagoa litzateke esatea hainbat kezka ditudala, esaterako pentsatzea 'zer ekarriko dit etorkizunak?'" Eta zeintzuk dira zure beldur nagusiak? Zer da benetan beldurra? Beldurra iluntasunari, bakardadeari, porrot egiteari… Nire buruari galdetzen diot beldur errealik ba ote dugun. Nik adibidez pailazoei, likantropoei, urakan-haizeei diet beldurra, baina ez dut uste beldur errealak direnik, nik neuk sortutako beldurrak baizik, mota jakin bateko hainbeste film ikusteagatik. Beldurra bakarrik geratzeari, beharbada? Egia esan, gurasoak beti alboan izan ditut, behar izan dudan guztietan… Ez dut uste ezeren beldur naizenik, egokiagoa litzateke esatea hainbat kezka ditudala buruan, esaterako pentsatzea "zer ekarriko dit etorkizunak?". Ezkerrean, bere liburuaren azala. Erdian, goian, egiten ari den liburuaren ilustrazioetako bat. Eskuinean, Poño estiloko irudiak.
news
argia-a61a7121eb54
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/kakagaleaz-nator.html
Kakagaleaz nator
Jose Ignazio Ansorena
2018-02-18 00:00:00
Kakagaleaz nator Honako hauek Txirri, Mirri eta Txiribiton -en disko batean grabatuak: "Kakagaleaz nator Errenteriatik, lau kuarto eman nituen egiteagatik. Horra bada, osaba, alegratu bedi, kaka galanki egin det, eder eta lodi". Bada, epelak entzun genituen. Beti izan naiz, baina, kontu marroi hauen zalea, agian umetan gure birramona Jenerosak, eguneroko txizontzi saioa amaituta, emaitza erakutsarazten zidalako eta, ongi miatu ondoren, iritzi zorrotzak plazaratzen zituelako: "Ederrak gaurko kaka hauek! Arin samar dabil mutila… Ea zizarerik dagoen…". Hau ere harena da: "Aita Santuak ere puzkerrak merke-merke". Gaztetan txalupan itsasora ateratzen ginenean, kuadrilako batek, Hippie k, puzkerra botaz gero, denok uretara salto. Iraunkorrak atontzen zituen: puska batera txalupara itzuli nahi eta oraindik ere sekulako kiratsa. Jantzita harrapatuz gero, arropan itsatsita geratzen zen haren sustantzia ustez gaseosoa. Mendira alabaren Gustabo zakurrak laguntzen nau. Behi gorotz ensaimadak maite ditu. Gainean etzan eta bueltaka, igurtzi egiten da. Etxerako itzulia, autoaren leihoak zabalik, hotzik handiena badago ere. Noizbait ertzainek gelditzen banaute, keru kontrol proba berriaren beharra ikusiko dute. Kakapilari mesede handiak zor dizkiogu. Antzinako mitoak dioenez, Sanson indartsuak noizbait aranotarrak akabatu nahi izan zituen, festa handitan zebiltzala ikusi eta jelosiak jota. Harri handia hartu baina jaurtitzera zihoanean, gorotz handi batean irrist egin eta bakarrik Aballarriraino bota ahal izan zuen eta inor akabatu ez. Horrela deitzen zaio oraindik: Sanson harria . Inguruan maiz ibili da Gustabo nirekin, apika oraindik gorotz beraren gainean. Honek ikerketa antropologiko sakona behar du. Eta Jaurlaritzaren diru laguntza.     *    *   * Egungo higienearen ohiturak klasista, burges eta antiekologikoak dira. Askok egunero hartzen dute dutxa, batzuetan hainbat aldiz eta barruko arropak ere egunero aldatzen. Gure zaharrek astean behin muda eta dutxa… urtean behin, behar izanez gero noski. Horiek bai jakintsu, ekologiko eta berdintzaileak. Ziur aski Trump tronpatzaile tronpatua orduro dutxatuko da, urrezko konketan eserita harrizko kakamokordoa atera ezinik ibili ondoren. Amona Jenerosak ere bazuen honelakoentzako izena: Ezinlibrategi. Odoluzki muturra ere gustatzen zitzaion. Munduak irauteko aukerarik izatea nahi badugu, Gustabo bezain piztiak garela ezin ahaztu, tronpatzaileen eskolako lotsagabe ugariei zaunka eta ausiki egin ahal izateko. Honela amaitzen dira bertsoak: "Jendeak egin arren irri-arra farra, fuera mokordoa eta biba kaka zaharra". Horixe.
news
argia-3c1f7abbf65e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/errementari-filma.html
Fikzioa euskararen territorio libre
Dabi Piedra
2018-02-18 00:00:00
Fikzioa euskararen territorio libre Paul Urkijoren pelikula berrian, pertsonaia bakoitzak hizkera bat darabil, istorioaren aberasgarri. Arabako euskara zaharra ere berpiztu dute. Film luzea martxoaren 2an emango dute lehen aldiz. Paul Urkijoren lehenengo film luzeak, Errementari -k, ikus-entzuleen irudimena kitzikatzen du, Patxi Errementariaren ipuinean oinarritutako istorio fantastikoa baita. Misteriozko giro berezi horri indarra emateko tresna da hizkuntza bera ere, euskara alegia. Pertsonaia batzuek Arabako euskaraz hitz egiten dute, beste batzuek batuan... nahasketa bitxi bezain eraginkor horrek toki eta garai urrunetara garamatza eta, gainera, pertsonaien arteko aldeak nabarmentzen ditu. Berdin hitz egin behar al dute herritar xume batek eta diputazioko komisario arranditsuak? Errementari -n, behintzat, ez. Jatorrizko gidoia Paul Urkijok berak idatzi duen arren, Gorka Lazkano itzultzailea arduratu da hizkuntza kontuez. Hasieran euskara batuan behar zuten hitzak beste kolore bat hartzen hasi ziren. "Arabako euskara erabiltzea proposatu zidan Gorkak eta ukitu interesgarria iruditu zitzaidan", kontatu digu Urkijok. "Argi nuen euskara zahar bat behar nuela, istorioa XIX. mendean girotuta dagoelako". Arabako Mendialdean kokatutako filma izanik, behinola Araba ekialdean hitz egin zen aldaeran oinarritzea izan zen asmoa, Lazkanok azaldu digunez: "Ekialdeko idazki zahar batzuekin moldaketa batzuk egin eta hizkera ulergarri bat sortzea posible zela ikusi genuen". Sabando herriko Joan Bautista Gamizek XVIII. mendean idatzitakoa izan dute oinarri: "Istorioaren garaira eta tokira gehien hurbiltzen dena da". Koldo Zuazo hizkuntzalariari aholkua eskatu zioten, Arabako euskararen ezaugarriak berreraikitzen aritu baita 1989tik. Makina bat testu eta lekukotza zahar aztertuak ditu, tartean Gamizen 238 bertsoak. Ia hiru hamarkadako lanaren ondoren, bere jakin-mina oraindik ez duela "ase" kontatu digu hizkuntzalari eibartarrak. Hark idatzitako Arabako euskara liburua izan da Gorka Lazkanoren itsasargia, pertsonaiak arabarrez mintzatzen jartzeko esperimentuan. Gainera, Zuazok gidoia irakurri zuen eta iradokizunak egin zizkien. "Koldoren ekarpenarekin argiago ikusi nuen dena, batez ere aditzari dagokionez –dio Lazkanok–, hasieran Arabako ezaugarri gehiegi sartu nituen eta berak esan zidan batzuk alboratzeko; lastoa eta alea bereiztea bezala izan zen". Deabrua hizketan Euskara batuak ere badu lekua Errementari -n. Hizkera estandarra, zaindua eta jasoa denez gero, pelikulan agertzen diren zenbait pertsonaiarentzat egokiagoa da, euskalkiak ez baitu horiekin "funtzionatzen", Lazkanoren arabera. "Instituzioetako pertsonaiek eta deabruak hizkera landua, teatrala behar zuten eta horretarako batua zen aproposena", gaineratu du Urkijok. Deabruaren esaldi apokaliptikoak, esaterako, batuan jarri dituzte. Beste aukera batzuk aztertu zituzten ( euskañola kasu), baina "gustura" geratu dira batua aukeratu izanarekin. Orain dela 150 urte euskara baturik ez zegoen, baina, Lazkanok ohartarazi duenez, diputazioko ordezkari batek euskaraz egitea ere ez da oso errealista. Zinemaren magia da hori. Gainera, Ramon Agirre eta Eneko Sagardoi aktoreek euskara batua "oso modu naturalean" darabiltela azpimarratu du. Narratzaileak, ordea, Ataungo euskaran hitz egiten du, Patxi Errementariaren ipuina bildu zuen Joxemiel Barandiarani omenaldia egiteko. Hori gutxi ez, eta beste euskalki batzuk ere erabili dituzte, informazio gehigarria emateko, Lazkanoren arabera: "Adibidez, Gotzon Sanchezen pertsonaiak, herriz herri salerosketan dabilen kinkilariak, Oiartzualdeko hizkera bat egiten du, hori nahikoa izan liteke jakiteko hura ez dela herrikoa". Euskararen aldaerekin sortutako jokoak istorioa "aberastu" egiten duela uste du Lazkanok. Alde batetik erabili dituzte trataerak (hika, zuka, berorika), bestetik erregistroak (kolokiala, jasoa), eta azkenik, euskalkiak. "Pertsonaiei izaera ematen diete, pelikula janzten laguntzen du". Koldo Zuazo bat dator horretan: "Ezin ditugu denak berdin hitz egiten jarri, ez da benetakoa. Errementari -n Arabako herri txiki bateko bizilagunak agertzen dira eta haiekin batera abadea, diputazioko ordezkaria, deabrua... bidezkoa da bakoitzak bere modura hitz egitea". Aldaera ezagunak Paul Urkijo zuzendariak garbi du halako ezaugarriek eragina dutela filmaren izaeran, are gehiago fantasiazkoa izanik. "Testura bitxia ematen dio, euskaraz dakigunok berehala ohartzen gara zerbait berezia dagoela", dio zuzendariak. Berezia baita, zinez deigarria Errementari -ko euskara, baina ulergarria era berean. Arabako euskara birsortzean baldintza hori izan dute gogoan uneoro. "Ez da izan defuntu bat berpiztea bezala, hartu ditugun ezaugarri gehienak gaur egun toki askotan erabiltzen dira", dio Lazkanok. "Euskaldun gehienentzat ezagunak dira erabili ditugun aldaerak, batzuetan Mendebaleko euskararen antza hartzen zaio, beste batzuetan Goierrikoa, Burundakoa... nahasketa bitxia da". Hona behinolako Arabako euskaratik hartutako ezaugarri batzuk: Hitz amaierako –a –ea bilakatzea ( alaba - alabea ), partiziopioko –i kentzea ( ikus dot ), hartu egizu ( ezazu -ren ordez) eta abar. Aditza osorik berreraikitzea nahasgarria izango zelakoan, Urdiaingo formak erabili dituzte, Koldo Zuazok hala aholkatuta. "Arabako euskararen gainean gauza asko dakizkigu, baina ez ditugu guzti-guztiak ezagutzen eta aktoreek, eroso lan egiteko, hizkuntza oso bat behar dute", zehaztu du Zuazok. Hori konpontzeko Urdiainera jo dute. "Nafarroan dago, baina argi ikusten da hango bizimodua Arabarekin lotuta egon dela".  Lazkanoren ustez, "zeharka, hizkuntzalarien ikerlanak entretenimenduaren bidez dibulgatzeko balio du, eta Arabaren eta euskararen arteko lotura historikoa erakusteko". Zuazok dio "poz handia" hartu duela berak urte luzez ikertutako hizkerak zineman entzungo direlako. Lazkanoren lana, Urkijoren jarrera eta aktoreen profesionaltasuna "eskertzekoak" izan direla gaineratu du. Nolanahi ere, euskalkiak eta batua uztartzea ez da Errementari -ren ekarpen bakarra, ezta esanguratsuena ere, Gorka Lazkano itzultzailearen ustez. Maila horretako genero fantastikoko film bat euskaraz egitea da aipagarriena. "Arabako garai bateko euskararekin egin dugun ariketa berritasuna izan daiteke, baina ereduari dagokionez ez dugu ezer berririk ekarri, gainerakoek bezala guk ere ahal duguna egin dugu". Hori guztia, entzuleak gogoan dituztela, jakina: "Beti zalantzan ibili gara, nola ez uxatu euskaldun berriak eta nola ez aspertu gainerakoak". Errementari gaztelaniaz edo ingelesez errodatzeko aukera sortu zitzaion Paul Urkijori, baina beti argi izan du Patxi Errementariaren inguruko film hau euskaraz izan behar zela. Horri esker, euskarazko eskaintza zabalagoa izango da zinema-aretoetako karteldegian. Ariketa dotorea egin dute Urkijok, Lazkanok eta Zuazok, euskararen hizkerek eta erregistroek ematen dituzten aukerei zukua aterata. "Pelikulak euskararen askotariko koloreak batzen ditu, horrek bizitasuna ematen dio istorioari", dio zuzendariak. Gorka Lazkanoren ustez, "noizean behin konplexurik gabe jokatzeko baimena eman behar diogu geure buruari, eta fikzioa, behintzat, euskararen territorio libre bihurtu".
news
argia-883ba46b94df
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/bigantxen-demokraziaren-festa-handia.html
Bigantxen demokraziaren festa handia
Iv�n Gim�nez
2018-02-18 00:00:00
Bigantxen demokraziaren festa handia Trantsizio garaiko komunikabideen esamolderik arrakastatsuena: "Gaur, hauteskunde egunean, demokraziaren festa handia". Frankismo ondoren hautestontziak betetzeko ariketa berria zenez, festa handien pareko zerbait bihurtu zen bozka emateko aukera. Handik omen dator hautestontzien beatifikazioa, demokraziaren ikonorik gorena bihurtzeraino. Denboraren poderioz, ikonoa lausotu da: sarritan egiten den edozerk bere distira galtzen du, ezinbestean. Hala ere, erreferenduma aipatzen den bakoitzean, ahazturiko zirrara sentitzen dugu, demokraziaren festa gurean berpiztuko balitz bezala. Azkenaldian, gainera, "dena erabaki nahi dugu" esamoldea garaitu da, edozein ekimen publiko bozketa baten bidez guztiz zilegi bihurtuko delakoan, magiak ukiturik balego bezala. Arrazoia daukagun ala ez jakiteko… galdeketa bat antola dezagun! Horren emaitza gure hauteskunde-programarekin bat ez badator, ba, tira, aske gara kanpainan agindutakoa ez betetzeko, "herriak hitz egin duelako" (geuk hitza eman diogulako, gainera). Bestalde, galdeketa gure alde ateratzen bada, erabakia lasai egin dezakegu, herriaren hitza errespetatuz. Herri-galdeketa formula magikoa da, beraz. Agian, gure buruari galdetu behar diogu ea horrelako ekimenek ez ote dituzten demokrazia eta erreferendumak debaluatzen, "dena erabakitzeko eskubidea" bigantxen mailara jaitsaraziz Orain gutxi, Burlatako udalak festetan bigantxak jarri ala ez erabakitzeko, galdeketa deitu zuen: erroldaren %5,7ren babesarekin, bigantxak egonen dira. Bigantxen aurkakoak %5,4 izan ziren: demokrazia gailendu zuen, burlatarren %89k parte hartu ez bazuen ere. "Herriak bigantxak nahi ditu", eta kito. Antzeko galdeketak egin dira Iruñerrian, bigantxen aldeko (Burlata, Noain) ala aurkako (Uharte, Barañain) herriak sailkatuz. Denetan, %15eko parte-hartzea gainditu gabe. Demokraziaren festa izatekotan, oso txikia, txikiegia agian. Eta beti bigantxen inguruan, hau da, 3. edo 4. mailako gaiekin lotuta. Agian, gure buruari galdetu behar diogu ea horrelako ekimenek ez ote dituzten demokrazia eta erreferendumak debaluatzen, "dena erabakitzeko eskubidea" bigantxen mailara jaitsaraziz. Eta are larriago: udalek eguneroko erabaki bat hartzerakoan galdeketa antolatzen badute, ez ote ditugu banakako interesak eta gogoak lehenesten? Hurrengo urratsa izan daiteke umeentzako jolas-parkeak kentzea: seme-alabarik ez badut, zertarako parkea? Logika bera jarraituz, datozen galdeketak izan daitezke hiri-kontribuzioa ordaintzea derrigorrezkoa den ala ez; edo garraio publikoa kendu ala ez, berekoikeria indartuz eta ikuspegi publikoa ahultzen. Begi-bistatik  galdu behar ez duguna: eledunek erabakiak hartu behar dituzte, herria entzun ondoren, baina ardura delegatu gabe.
news
argia-fcf649f6f66c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/macronek-ateak-itxi-dizkie-korsikako-abertzaleen-eskaerei.html
Macronek ateak itxi dizkie Korsikako abertzaleen eskaerei
Maddi Txintxurreta
2018-02-07 00:00:00
Macronek ateak itxi dizkie Korsikako abertzaleen eskaerei Korsikara egin duen bisitaren lehenengo egunean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak muzin egin die abertzaleen eskaerei, eta Korsikako presoen aldeko amnistia ukatu du. 2017ko abenduko eskualde hauteskundeetan gehiengo zabalez irabazi zuten irlako bi alderdi abertzaleek, eta Macroni eskatu diote korsikeraren ofizialtasuna, autonomia handiagoa eta presoak gerturatzea, ondoren amnistia emateko. Eskaera horiekin Ajaccioko kalera atera ziren milaka manifestari Macron irlara iritsi aurretik. Sekula irlako hiriburuan egin den manifestazio jendetsuena izan da Gilles Simoni Korsikako presidentearen esanetan. Alta, Frantziako presidenteak abertzaleek espero ez zuten diskurtso zurruna erabili du. Macronek abertzale korsikarrei erantzun die "konplazentzia, ahanztura eta amnistiarik gabe" jarraituko duela. Komando korsikar batek 1998ko otsailaren 6an hil zuen Claude Érignac prefetaren omenaldian esan ditu hitzok. Gilles Simeonik, Jean-Guy Talamoni legebirtzarreko presidenteak eta gainontzeko agintari abertzaleek ez dituzte ondo hartu Macronen deklarazioak. Simeonik eta Talamonik Parisi eskatu diote Korsikak "aipamen zehatza" jasotzea Konstituzioaren 74. artikuluan, zeinak eskumen berriak emango lizkiokeen irlari lurraldearen, zergen edo hizkuntzaren arloetan. Gaur ere Korsikan egongo da Emmanuel Macron, eta Simeoni eta Talamonirekin negoziaketak egiten jarraituko du.
news
argia-7ec4f1db7075
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/zenbat-euskal-herri.html
Zenbat Euskal Herri?
Jakoba Errekondo
2018-02-18 00:00:00
Zenbat Euskal Herri? Beldurkundea ez, baina begirune eta lotsa arteko zerbaiten punttu batekin erantzuten dut, gero eta maizago, landareetan ia edozer galdetzen didanari. Eta punttu hori gero eta handiagoa da. Berdantza-bart galdetu zidan batek ea tomatea ( Solanum lycopersicum ) noiz erein behar duen. Ni ohiko erretolikari bidea emateko pronto, baina orain etengabe bueltaka dudan zalantzari zirrikitua ireki nion, eta bere galderari beste galdera batekin erantzun: non biziko dira tomate horiek? Bizitoki izango duten horren arabera erein eta gero landatu beharko dira tomate landareak. Ez da gauza bera eguteran edo ospelean bizitzea. Ezta itsasbazter gozoko Ispasterren edo Goierriko Itsason edo Basaburuko Itsason edo Itsasun edo Itsasondon. Eta nolako lurrean, eta nola antolatutako sailean biziko da? Baratze irekian, etxeko atariko horma epelaren babesean, negutegian? Ohitu behar gara: lur sail bakoitza unibertso bat da. Bat eta bakarra, parekorik ez duena. Hala ere, sail asko antzekoak izango dira, eta haien peskizan ikasiko dugu. Gurearen modutsukoak diren lurretan gertatzen denari zorrotz begiratu behar diogu. Eta jaso, gertatzen dena jaso, idatziz, argazkiz, bideoz... Hori da ikasteko era bakarra. Horrela ikasiko dugu esaten toki bakoitzean landareen aldaketak noiz gertatzen diren. Horri deitzen zaio fenologia. Wikipediak honela definitzen du: klima eta urtaroen gorabeherek izaki bizidunengan duten eragina aztertzen duen zientzia-arloa. Adibidez, gure etxean iaz baino zortzi egun lehenago eman ditu kimu berriak aurten intsusak ( Sambucus nigra ). Iaz oso goiz ernamuindu zela iruditu zitzaidan, eta argazkia otsailaren 1ean jarri nuen Instagramen. Aurtengoa urtarrilaren 23an jarri dut. Ikusiko dugu ea horrek aurtengo urtean zer eragina duen landareetan. Denok Euskal Herri osoan intsusaren kimu berria edo lorea noiz irekitzen den jasoko bagenu, urte gutxiko datuekin mapa agro-klimatikoa osatzen hasiko ginateke. Horrekin toki bakoitzean lanak noiz egin jakiteko.
news
argia-8751a6aa2047
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/santos-inurrieta.html
Jolasaren askatasuna
Xabier Gantzarain
2018-02-18 00:00:00
Jolasaren askatasuna Jaioterrira itzuli zen iaz, aldi baterako bederen, Santos Iñurrieta de la Fuente (Gasteiz, 1950eko uztailaren 8a), Artiumen erakusketa eduki baitzuen, pasa den urtarrilaren 7ra arte, ikusi nahi zuen ororen gozamenerako. Mallorcan bizi da 90eko hamarkadaz geroztik. Nabari du argian, berotasunean, giroan. Inbidia ematen du. "Goizeko seiak inguruan jaiki ohi da. Kafe bat edan eta paseatzera ateratzen da Menutekin. Etxera itzultzean beste kafe bat hartzen du, oraingoan Joanarekin eta txakur-talde guztiarekin. Porrutxo bat erretzen du. Gero, aldi berean margotzen ari den bospasei koadroei begira egon ondoren bati heltzen dio. Hamar ordu baino gehiago ematen ditu horretan egunean". Halaxe dio bere biografiak, Ke usted lo pase bien erakusketako katalogoan. Inbidia ematen du. Festa bat zen bere erakusketa, jendez eta animaliaz eta pintorez eta komikietako pertsonaiez eta izaki bitxiz betea, denak formatu handiko lanetan barreiatuak, koadro bakoitza, eta are erakusketa osoa, inoiz ezagutu den matrioskarik handiena bailitzan, jendeen barruan jende gehiago, etxeen barruan etxe gehiago, paisaien barruan paisaia gehiago. Inoiz agortzen ez den mundu bat, inoiz agertzen ez den bezala emana. "Maite dituen guztiak gonbidatu ditu artistak festara eta triptiko handi hauetan elkartu ditu". Francisco Javier San Martinek idatzi du katalogorako testu nagusia. "Iñurrietaren festara gonbidatuta daudenak, alor kubista-fauvista-metafisikokoak dira gehienak, baina lotzen dituen elementu aglutinatzailea –bilbe narratiboa– gertuago dago itxuraz surrealismotik, ideia-asoziazio automatikotik eta oihaleko espazioaren okupazio irrazional eta elkar gurutzatutik". Artistaren jolaserako askatasun erabatekoak kaleidoskopio miragarria dakar. Eta argia, berotasuna, festa.
news
argia-160f8983a581
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/jabier-muguruza.html
"Etengabeko txinpartan bizi gara, baina gauzak askoz zailagoak dira"
Kepa Matxain
2018-02-18 00:00:00
"Etengabeko txinpartan bizi gara, baina gauzak askoz zailagoak dira" Formatu akustikotik urrunduz, gitarra elektrikoz eta elektronika soinuz girotu du disko berria Jabier Muguruzak. Ez du errotikako aldaketetan fede handirik, ordea, eta Leiho bat zabalik lanean hor diraute bere ohiko ezaugarriek: erritmo pausatuak, giro delikatuak eta isilune jolasak. Diskotik abiatuta, musika panoramaz, teknologia berriez edota bizi dugun garaiaren sintomez hitz egin dugu. Gustura dago Jabier Muguruza disko berriarekin. Baita Mercedes Alvarez zinemagileak egin dion bideokliparekin eta orain arteko kontzertuekin ere. Urriaren amaieran argitaratu zuenetik, Ander Mujikarekin ari da zuzenean, orain artean ez bezala, noizean behin samplerrak sartuz. "Betidanik testuetan kontzentratu izan naiz, interpretazioan, hitz bakoitzak eskatzen didana ematean. Orain, horrez gain, adi egon beharra daukat samplerreko soinuak sartzeko". Jo du Donostian, Durangon, Bilbon, eta laster doa Kataluniara. Azkenaldian inguru haietan bizi izan dutena ikusirik, eszenatokian mikro bat irekian jartzea otu zaio, elkartasunez. "Arazoa da batzuek esan didatela mikroa erabili nahi dutela, eta teknikariari kableatzeko eskatu beharko diot azkenean", dio barrez. Urte berriko ostegun goiz batez harrapatu dugu guk, eta lehen kafe hurruparekin batera ekin diogu solasari. Tonetti Anaiak eko jazz girotik urrundu zara oraingoan. Eta soinu berri bila Ander Mujikarengana eta Javi Vicente Carasueño -rengana jo duzu. Zergatik? Uste dut egileari dagokion jarrera dela. Ni behintzat beti ibiltzen naiz hausnarrean eta bilaketan. Besteak beste, sen handiko musikarien bila. Uste dut badudala nire sen txikia musikari berezi horiek antzemateko, eta horri esker lan egin dudala musikari zoragarriekin. Ezagutu ditut pianista eta gitarrista onak, baina auzia ez da soilik kantuari armonia baten bidez laguntzea. Hori jende askok egiten du ondo. Hortik giro bereziak sortzera beste pauso bat dago. Mujikak eta Carasueño k egindako lanak entzutean iruditzen zitzaidan bazutela intuizio berezi hori. Eta egiaztatu ahal izan dut hala dela. Nola egin duzue lan hiruron artean? Metodikoa naiz, artista bainoago artisau errebindikatzen diren gehienak bezala. Hitzak jaso, horiek nire egin, pianora jo, orduak eta orduak sartu –batzuetan tentel bat bezala arratsalde osoak galtzeraino– eta halako batean, hor bada kontu misteriotsuren bat, zerbait sortzen da. Noski, horren aurretik luze hitz egin nuen bi musikariekin. Saiatu nintzen azaltzen zer bilatzen nuen kantetan, eta are, diskoan, orokorrean. Azaltzen hain zailak diren musika aferak eta kontzeptuak azaltzen saiatzen naiz. Pianoko ideia Mujikari bidali, handik pixka batera hark aurkezten zidan bere lana, eta azkenik bidaltzen genion Carasueño ri. Gero egin genuen lehen txangoa Zaragozara, eta luzaz izan ginen han hirurok. Nahiko ados geunden gauza gehienetan, beste batzuetan ez. Azken fasea izan zen nahasketena, udan. Han ere izan ziren desadostasunak. "Nire maskulinitatetik elementu femeninoa ere errebindikatzen dut" Nola kudeatu zenituen desadostasun horiek? Carasueño elektronika zale amorratua da, eta nire gusturako batzuetan gehiegi sartu nahi izaten zuen. Nire filosofia da biluztasunak asko ematen diola musikari. Hor izan ziren borrokatxoak, baina oso ongi moldatu ginen. Batzuetan tokatzen da amore ematea, eta besteetan zureari eustea. Azken emaitzan, behintzat, biluztasunak hor dirau. Eta horrek ez du kentzen bestea, ze badira leherketa indartsuak, gitarra distortsionatuzko uneak, elektronikazkoak... Eta tartean, Mireia Otzerinjauregiren ahotsa ere bai. Baditut halabehar batzuk Leonard Cohenekin. Esaten didatenean berandu hasi nintzela, beti erantzuten diet: "Ei, Cohen bezala". Cohenek beti izan du presentzia femenino hori, eta niri ere iruditzen zait ederra dela. Nire maskulinitatetik elementu femeninoa ere errebindikatzen dut. Badut gogoa noizbait gai hauei buruz idazteko, ze iruditzen zait topikosfera nagusitik kanpoko beste topikosfera batean gabiltzala askotan euskal munduan. Ez bakarrik maskulinitateaz eta feminitateaz, beste hainbat gairi buruz ere bai. Eta nire adinean, nekatu egiten naiz. Zerekin sentitzen duzu hori, zehatzago? Euskal munduan, oro har. Teknologiaren gaiarekin, adibidez. Ez dut teknologiaren kontra hasi nahi, eta gainera, ez da hori nire posizioa –oraintxe bertan baliatu naiz teknologiaz disko berria egiteko–. Baina horren harira ari dira garatzen zenbait diskurtso pobre. Adibidez, entzuten duzu: "Musikaren mundua demokratizatzen ari da". Edo: "Inoiz baino gehiago irakurtzen da gaur egun". Halako ideiak oso arriskutsuak dira, ze badute egiatik, baina gauza asko isiltzen dituzte, eta eramaten zaituzte ondorio oso arriskutsuetara. Esan dezagun dena, demokratizazio horrekin batera prekarizazio handia etorri dela, eta abar. Argazki orokorrago eta sakonago bat, mesedez. Ze nik hitz egiten dut gazte jendearekin, eta badakit ze baldintzetan ari diren kontzertuak ematen. Lehengo batean Espainiako Estatu mailan banaketan ibilbide luzea duen batek esaten zidan: "Demokratizazioaren kontu hau beste bluff bat da. Gero eta uniformeagoa da panorama". Hori ikusi nahi ez duenak… Besterik da esatea gure ghettotxoan ahots asko ditugula. Baina goazen harago. Edo, bai, egia da inoiz baino gehiago irakurtzen dela. Baina horretan geldituko gara? Edo sakonduko dugu pixka bat, eta esango dugu aldi berean ze irakurketa mota ari den galtzen, horrek zer dakarkigun? Ez gaitezen sinpleegiak izan. Argazkia: Dani Blanco. Aipatzen dituzun ideia fetitxeen aldean, zer aldarrikatzen duzu? Sentiberatasuna eta zentzu kritikoa. Horiek dira bi zutabeak. Baina zentzu kritikoa, benetakoa, ez Harkaitz Canok aipatzen duen ileapaindegi globala. Pauso hori ematen saiatzen ez bagara, arrisku batzuk ikusten ditut, eta kezkatzen nau. Baina ez dut hiperkritiko agertu nahi, ze hori ere ez da jarrera interesgarria. Atxagak zioen akritiko baten antzik handiena duena hiperkritiko bat dela. Orain dela gutxi entzun nion antzerako ideia bat: "Ez onartu kritika txarrik sekula kritika onik egingo ez lizukeenarengandik", edo halako zerbait. Ados nago. Ez nuke hiperkritiko agertu nahi, ze hasteko eta behin, ni naiz egile bat gustura gelditu dena bere lanarekin, eta luxutzat hartzen duena gaur egun musikaz bizitzea. Baina kezka batzuk azaltzea ere logikoa da, eta sumatzen ditut kamustu samar sentiberatasuna eta zentzu kritikoa. Mila adibide jarriko nituzke: non geratu diren Espainiako telebistan 70eko hamarkadan Julio Cortazar eta abarrekin egiten ziren ordu eta erdiko elkarrizketa haiek… Telebistako maila jaisten ari dela nabarmena da. "Iruditzen zait topikosfera nagusitik kanpoko beste topikosfera batean gabiltzala askotan euskal munduan" Itzul gaitezen diskora. Zortzi kantuak zortzi idazle desberdinek idatzi dituzte eta, oro har nahiko ilunak diren arren, kantu bakoitza iruditu zait besteen oso tonu eta erregistro desberdinean idatzia. Nola egiten da ahots desberdin horiek guztiak norberaren bihurtzeko? Kasu bakoitzean desberdin. Iñaki Irazuri gai bat proposatzean, badakit sudur puntan jartzen zaiona egingo duela. Harkaitz Cano kokatuko nuke beste muturrean. Pasatzen diot gaia, garatzen du nik esaten diodanetik abiatuta, egiten dugu bazkari bat, hitz egiten dugu kultur panoramaz, eta ateratzen da letra hori, barbaroak eta abar agertzen direna… Gerardo Markuletarena, beste kasu bat: biok ama alzheimerrarekin genuen, berea hil zen kanta grabatzen ari ginela eta gurea orain gutxi. Anjel Erro jarraitzen dut Berria n, asko gustatzen zait, ez da batere prebisiblea. Artikulu bat idatzi zuen spam-az, hitz egin nuen berarekin, idatzi zidan testua eta asko gustatu zitzaidan. Bai, baina berriz diot, oso desberdinak iruditu zaizkit testu guztiak, ahots bakarrean sartzeko zailak. Neurri batean ados nago, baina beste batean ez. Jaso ditut disko honetarako beste letra batzuk ere, inondik inora ere batasun horretan sartu ezin nituenak. Eta letra hauekin posible ikusten nuen obra bat egitea. Obraren batasunaren kontu horrekin, klasiko bat izaten jarraitzen dut. Literaturan berdin, iruditzen zait ipuinak ez direla inoiz kasualitatez kokatzen liburu batean. Soinuari dagokionez, orain arteko ildotik atera zara pixka bat, eta sartu dituzu gitarra elektrikoak eta soinu elektronikoak. Zer bultzatuta? Orain arteko hamalau diskoetan ildo jakin bat egon bada, hori izan da akustiko/elektriko-elektroniko binomioari dagokionez. Baina aurreko disko guztiak ez dira berdintsuak izan. Apustu oso desberdina da disko bat egitea Roberto Yabenen jazz estiloko gitarrekin, kontrabaxuarekin eta ahotsarekin, edo Anjel Unzuren giro biluziarekin, edo Tonetti Anaiak eko giroarekin… Egia da oraingoan giro akustikoa alde batera utzi dudala, eta beste estilo batetako gitarra bat sartu dudala, zikinagoa, zakarragoa, lakarragoa. Eta elektronikara jotzea ere ustekabea izan da askorentzat. Uste dut aldaketak modu inkontzientean mamitzen direla gure baitan, eta ez dakigula hori ondo arrazionalizatzen. Gari musikariari irakurri nion konfort gunetik ateratzeko premia zuela, eta zer pentsa eman zidan. Ze ni Tonetti Anaiak -en konfort gune absolutuan nengoen. "Sumatzen ditut kamustu samar sentiberatasuna eta zentzu kritikoa" Konfortaren adiera positiboan ala negatiboan? Hortxe dago koska. Giza errealitate gehienak anbibalenteak dira, eta anbibalentzia horretan mugitu beharra daukagu, nahiz eta askotan deserosoa izan. Oso gustura nengoen Mikel Azpirozekin. Sekulako musikaria da, harreman pertsonal zoragarria dugu. Bandarekin, zer esanik ez. Horrek badu alde on bat: gozatzen ari zara, eta ziur gozamen hori transmititzen diozula zure publikoari, bai obran eta bai zuzenekoetan. Txantxetan esaten nuen Chet Baker sentitzen nintzela talde horrekin. Baina zerbaitek esaten zidan esperimentatu behar nuela, aldaketa behar nuela, eta horri gehitzen badiozu fitxatuta nituela Napoka Iria –eta bertako Ander–, eta Carasueño –Tulsaren lehen diskotik–… Ez dakit hori guztia nola joan zen nire barruan forma hartzen, baina halako batean esan nuen: hau da momentua, egin beharra daukat. Tartean beldurrak, bertigoak… baina aurrera egin nuen eta pozik nago. Disko berriko jauziaz ari gara, baina hitz egin dezakegu aldatu ez denaz, zure ohiko arrastoak hor jarraitzen baitu. Zure ibilbidearekin sintonian doan biraketa da, izatekotan. Hala uste dut. Iritzi asko ari naiz entzuten, eta bakarren bat zeharo harritu den arren, gehienak hortik doaz: atmosfera aldaketa nabarmena da, baina segitzen du zure musika izaten. Konposizioa, interpretazioa, isiltasunekin jolasean aritzea… nire ibilbide guztiko filosofia hor dago. Are gehiago esango dut: egile serio samarra baldin bazara, aldaketak posible dira, baina erabateko aldaketetan ez dut sinesten. Badakit orain oso modan dagoela kontrakoa. Aste honetan bertan jaso dut e-mail bat esanez: "Espero dut urtea ongi hasi izana, eta bestela lasai, egunero has gaitezke zerotik eta". Erantzun nion: "Kafe baterako utziko dugu eztabaida hori". Oso modan dago mezu hori, egunero erabakitzen ditugu gure gauzak, gure nortasuna, sexua… baina oso planteamendu naif-a da. Hori da ez ezagutzea norbere izaerarik intimoena, eta nik bizitza horretan eman dut. Pello Lizarraldek elkarrizketa batean esan zidan ez dela fidatzen oso liburu desberdinak idazten dituzten idazleekin. Antzera pentsatzen duzu musikariekin? Erabat identifikatzen naiz ideia horrekin. Urte asko daramatzat lan honetan, eta susmoa dut publiko fidel bat izateko gakoetako bat hori dela, jendearentzat egiten duguna sinesgarria dela, nabari dela ofiziokoak garela. Errebindikatzen dut ofizioaren ideia, artisauarena. Galdetzen didate sarri: "Bi urtean behin beti lan berri bat ateratzen duzu?". Ba bai, nik horrela funtzionatzen dut, egunero piano aurrean jarri eta lanean hasten naiz. Ez naiz artista bat, hitzaren zentzu fantastikoan. Miren Narbaizak orain gutxi Berria ko elkarrizketa batean esaten zuen bere ahotsa bilatzen ari zela. Ni ere aritu nintzen nire erregistroaren bila, baina behin garbi ikusi nuenean nondik jo behar nuen. Alegia, dagoeneko ez zarela zeure burua berrasmatzen hasiko. Ez dut sinesten eguneroko berrasmatzean. Badakizu zer dioen esaldi famatuak: "Horixe gara, umezaroa eta ez askoz gehiago". Ez dut uste puntu horretaraino determinatuta gaudenik, baina gauza batzuk ukaezinak dira. Gaur egun etengabeko txinpartan bizi gara, ematen du edozer dela posible, baina ez, gauzak askoz zailagoak dira.
news
argia-1f5e9cfa47e7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/zaplaztekoak.html
Zaplaztekoak
Aiala Elorrieta Agirre
2018-02-18 00:00:00
Zaplaztekoak Zaplaztekoa eman digute beste behin ere Konstituzionaletik. Duela hiru urte pasatxo, Gasteizko FrackingEz kolektiboa sinadurak biltzen hasi zen, Herri Ekimen Legegile bidez Eusko Legebiltzarra presionatzeko helburuarekin. Ekimen horren fruitu izan da 2017ko ekainean Legebiltzarrak onartutako legea: guztiz debekatu gabe, zorrotz mugatzen zuen frackinga. Espainiako Gobernuaren helegiteari erantzunez Konstituzionalak ebatzi du Frackingaren aurkako legea antikonstituzionala dela. Nago, zaplaztekoa hain kritikatua den "aldebakartasunaren" erabilpen bortitza dela. Gure eredu energetikoa erabakitzeari zaplaztekoa, auzitegia 100.000tik gora sinaduraren aurka. Ama lurraren eta bizitzaren beraren mugak geroz eta ikusgarriagoak diren heinean, harik eta bistakoagoa da gure sistema sozioekonomikoaren sostengaezintasuna. Eredu sozioekonomikoa iraultzeko bestelako eredu energetiko bat ezinbestekoa dugu. Beraz, esparru energetikoan jokatzen den bataila hau, kapitalismoa eta bizitzaren arteko gatazkaren dimentsioetako bat da. Gatazka hau bizi-bizia da, baita plano ekonomikoan ere: aurrez aurre topo egiten dute kapitalaren aldeko politika ekonomikoek eta gizartearen babeserako politikek. Krisi finantzarioaz geroztik, dilema zorraren inguruan gauzatzen da gordinen: zorraren ordainketa guztiaren gainetik lehenetsi ala austeritatearekin amaitu? 2015 urtean Europa osoa Greziara begira jarri zen, Siryza Gobernura iritsi zenean: zorraren ordainketa bermatuko zuen Memoranduma versus herriaren aldeko defentsa. Herriak erreferendum bidez bozkatutako EZ hari inoizko Memorandum latzenarekin erantzun zion Siryzak. Kostas Lapavitsas ekonomialariak uste du Gobernuak inongo momentutan ez zuela nahi izan europar aginteei aurre egin.  Hori horrela izan edo ez, kontua da Troikaren mezua herriari ulertarazi ziola greziar gobernuak. Horra, zaplaztekoa Greziako demos-ari. Gatazka hau bizi-bizia da baita plano ekonomikoan ere: aurrez aurre topo egiten dute kapitalaren aldeko politika ekonomikoek eta gizartearen babeserako politikek. Krisi finantzarioaz geroztik, dilema zorraren inguruan gauzatzen da gordinen: zorraren ordainketa guztiaren gainetik lehenetsi ala austeritatearekin amaitu? Siryzaren buruzagitzak hartutako bide hori gogor kritikatzen du Lapavitsasek eta Grezia moneta batasunetik irtetea defendatzen du. Irteera horrek izaera progresista izatea ezinbestekotzat jotzen du. Batetik, austeritatearekin amaitzeko beharra aldarrikatzen du, horretarako zorraren ordainketari uko egin eta gastu sozialaren hazkundea sustatuz. Bigarren multzo batean, diru publikoaren bitartez, industria eta nekazaritza sektoreak bultzatzeko politikak defendatzen ditu, zerbitzuetan espezializatuegi dagoen ekonomia berregituratze aldera. Finean, langile klasearen aldekoak izango diren politikak lehenestea eskatzen du.   Estatistikek erakusten dutena ongizatearen aurkako eraso izugarria da. 2008-2013 bitartean, greziarrak batez beste %40 pobretu ziren eta 800.000 pertsona dira honezkero baliabide faltagatik osasun zerbitzuetara sarbiderik ez dutenak. Siryzako Gobernuak joan den maiatzean sinatutako akordioak areago sakondu du kapitalaren aldeko balantza:  %3,5eko superabit primarioa iragarri dute hemendik eta 2022 urtera arte. Superabit primarioa, zorra ordaindu aurretiko aurrekontuen saldo positiboa da. Honela, austeritatea areagotzea bilakatzen da zorraren ordainketa bermatzeko bide bakarra. Datuek hotzikara ematen dute: 2008-2011 tartean depresio larriak jota zegoen pertsonen kopurua ia hirukoiztu egin zen. Noraino jarrai daiteke herri bat itotzen? Kapitala eta bizitzaren arteko gatazka ukigarria eta mingarria da gure bizitzako hainbat eta hainbat esferatan, eta esfera guzti hauetan batailak irabazteko giltza erabakitzeko eskubidea da. Zaplaztekoak, eskubide hau zanpatzera datozen erantzun unilateralak dira: goitik inposatuak eta populuaren adierazpenaren aurka.
news