id
stringlengths
17
47
source
stringclasses
54 values
license
stringclasses
15 values
lang
stringclasses
1 value
url
stringlengths
17
329
title
stringlengths
0
653
author
stringlengths
0
499
date
stringlengths
4
20
text
stringlengths
20
2.08M
domain
stringclasses
7 values
argia-96cf93776ee8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/hiltzea-zor.html
Hiltzea zor
Jakoba Errekondo
2018-06-03 00:00:00
Hiltzea zor Aurtengo otsailean Ekologistak Martxan eta Pesticide Action Network Europe elkarteek elkarlanean egindako txosten argigarri bat kaleratu dute. Espainiako Estatuko ibaien egoeraren berri ematen du txostenak. Ibai bakoitzaren arroaren kudeaketa eta kontrola Konfederazio Hidrografikoa deitzen diren administrazioen esku daude. Konfederazio horiek 2012an eta 2016an ibaietan topa zitezkeen pestizidak ezagutzeko azterketak egin zituzten eta haien emaitzak eskuetan osatu dute txostena. Emaitzak beldurgarriak dira. Pestizida ugari antzeman da, gehienak intsektizidak eta herbizidak. Horietako %70, Europar Batasuna osoan bezala Espainian ere erabili ezin direnak, galerazita daudenak. Eta lotura zuzena da, nekazaritza intentsiboagoa eta pestizida aztarna gehiago ibaietan. 2016ko azterketetan aurkitu diren pestiziden erdia baino gehiago (%55) disruptore endokrinoak dira edo izan daitezkeen susmo handiak daude; hau da, gure hormona sistemari eragiten dioten substantziak dira asko. Ondorioz, estatuko ibaiei ibai hormonatuak deitzen zaie. Guri dagokigunez, alde batetik Ebro ibaiari buruzko datuak azaldu dira, eta bestetik Kantabriko ekialdea deitu duten multzo bakarrean EAEko ibaiei buruzkoak. Bi horien emaitzak ere etsigarriak dira: Ebroko azterketek diote estatuko bigarren ibai kutsatuena dela eta EAEko ibaietakoak, berriz, hirugarrenak. Kontuan hartzen badugu Espainia dela Europa osoan pestizida gehien erabiltzen duen estatua (78.818 tona 2014an), bada, geure ibaietan dugun arrasto hori arduratzeko modukoa da. Hortik geure ingurumen guztira eta geure elikagaietara ez dago koska handirik. Ebron topatu diren 21 substantzietatik 18 legez kanpokoak dira, aspaldi debekatutakoak gehienak. EAEko ibaietan topatutako 17etatik 15 dira debekatutakoak. Hori gutxi balitz bezala, EAEko ibaietan gehien antzeman den bigarren produktua glifosatoa da, gure osasunerako txarretan txarrenetakoa. Panorama horrekin proposamenak ez dira beste mundukoak: legea betearaztea, disruptore endokrinoak galaraztea, pestiziden erabilera mugatzea (Danimarkan eta Frantzian %50 hamar urtean) eta abar. Hiltzea zor dugu, baina nola da gakoa.
news
argia-394077194c95
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/garazi-arrula-hizkuntzen-arteko-arrakaletan-hazka.html
"Euskal literatura munduratzeko ontzat ematen da gaztelaniatik pasatu beharra"
Danele Sarriugarte Mochales
2018-06-03 00:00:00
"Euskal literatura munduratzeko ontzat ematen da gaztelaniatik pasatu beharra" Hiru faktorek hartaratuta ekin omen zion Garazi Arrulak Euskal Herriko autoitzulpen praktikak ikertzeari: batetik, gero eta euskal idazle gehiago hasiak zirelako beren lanak gaztelaniara edo frantsesera itzultzen; bestetik, gure egoera soziolinguistikoak kezka eragiten ziolako; eta azkenik, literatura maite duelako. Autoitzulpena irakurri eta zalantza piztu bazaizu, google translator-az edo zertaz ari ote garen, hauxe duzu irakurgai aproposa. Oraintxe bukatu duzu tesia: "Autoitzulpenaren teoria eta praktika Euskal Herrian". Zer da autoitzulpena, ordea? Autoitzulpena da, grosso modo esanda, nork bere diskurtsoa, aurrez dagoen testu bat, izan ahozkoa izan idatzizkoa, beste hizkuntza, dialekto edo hizkuntza-aldaera batean ematea. Eta zer aztertu duzu? Alde batetik bere zabalean aztertu dut autoitzulpena, praktika modura, euskaldunok egunerokoan egiten dugun jardun zabaldu modura. Beste alde batetik, literatura hartu dut oinarritzat eta aztertu dut beren obra erdararen batera itzuli duten euskal idazleek zer diskurtso duten praktikarekiko eta beren testuak itzultzean nola jokatzen duten. Nola aztertu duzu hori? Hasteko, aukeratu dut hamar idazleren obra bana: Aurelia Arkotxaren Septentrio , Itxaro Bordaren %100 Basque , Harkaitz Canoren Belarraren ahoa , Unai Elorriagaren SPrako tranbia , Aingeru Epaltzaren Tigre ehizan , Karmele Jaioren Amaren eskuak , Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat , Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur , Ixiar Rozasen Negutegia eta Iban Zalduaren Euskaldun guztion aberria . Zergatik hamar horiek? Lehen azterketa denez, nahi nuen ahal zen heinean Euskal Herriko autoitzulpena bere zabalean hartu. Hamar hauek garaikideak dira, prosazkoak, eta Euskal Herriko geografia guztiaren adierazle. Adibidez generoaren aldetik ez da errealitatearen isla, zeren emakume gehiago hautatu dut gizonak baino, baina hori nahita egin dut. Oro har lagin askotarikoa eta errepresentatiboa da. Eta behin horiek hautatuta? Hamar obra horien hamalau autoitzulpen hartu ditut –hamarretik lau obrak bina autoitzulpen dituzte, bata Euskal Herrian argitaratua eta bestea Euskal Herritik kanpo–. Euskarazkoak eta itzulpenak alderatu ditut, eta horretarako bi gauzari begiratu diot: alde batetik, begiratu dut nola eman diren nazio identitateari loturiko kultur erreferentziak, adibidez nola itzuli diren euskaldun , euskal edo Euskal Herria terminoak, betiere kontestua kontuan hartuz. Gero, aztertu dut nola aipatzen diren beste hizkuntzak euskarazko testuetan eta nola aipatzen den euskara erdarazkoetan, eta halako ondorio batzuk atera ditut.Tesi batean ezin dira 24 testu xehe-xehe aztertu, orduan aukeraketa hori egin dut nahiko adierazgarria izanen zelakoan. Argazkia: Dani Blanco. Hasieran bazenuen susmoa, autoitzulpen literarioa ez zela bazterreko edo salbuespenezko praktika. Susmoa berretsi duzu. Katalogoa osatzea izan da tesiaren atal handi bat. Elizabete Manterolak egin zuen Euskal Literatura Itzuliaren katalogotik abiatu naiz. Hor sartzen ziren euskaratik egindako itzulpen guztiak: beste batek egindakoak, kolaborazioan egindakoak eta autoitzulpenak. Nik autoitzulpenen zerrenda eguneratu eta osatu dut, oinarri bat eta ikuspegi orokor bat izateko. Katalogoari esker ikusi da autoitzulpena oso jardun zabaldua dela gure txikian, zeren 2015era arte, bildu ditut 325 izenburu eta 125 autoitzultzaile: alegia, egile batek baino gehiagok bere obra bat baino gehiago autoitzuli du. Emango zenituzke produkzio horren ezaugarri orokor batzuk? Genero aldetik gehien-gehien haur eta gazte literatura autoitzultzen da eta esan dezakegu arrazoietako bat izan daitekeela estatuko argitaletxeek akordioak dituztela beren artean. Hamar liburutik zortzi gaztelaniara autoitzuli dira. Desoreka handia da, beraz, frantsesaren eta gaztelaniaren artean. Edizio elebidunei edo eleaniztunei begiratuta, hizkuntza nagusien arteko aldea txikitzen da zertxobait. Beste datu esanguratsu bat, hauxe: autoitzulpen gehienak, erdia baino gehiago, Euskal Herrian kaleratu dira. Kronologiari begiratuta, azken hiru hamarkadetan argitaratu da autoitzulpen gehien. Autoitzulpena itzulpena dela diozu. Kontrakoa uste al da? Bai. Autoitzulpenetan, editoreek, prentsak eta autoreek barra-barra esaten dute erdarazkoa itzulpena ez baizik bertsioa dela, edo egokitzapena, edo berridazketa… Hori justifikatzeko, beti esaten dute moldaketak egin dizkiotela testuari, baina halakoak ez dira soilik itzulpenetan gertatzen; esate batera, berrargitalpenak ere aprobetxatzen dituzte autoreek aldaketak sartzeko, Mikel Ayerbe ikertzaileak egiaztatu duenez. Gainera, itzulpen-jardunak berak moldaketak dakartza nahitaez. Funtzionalismoak erakutsi duenez, itzulpengintzan joera dago testua helburu den kulturari edo irakurleari egokitzeko, nahiz eta literaturan ez den hain agerikoa, egiletasunak balio sinboliko handia daukalako. Nahiko funtsgabea da autoitzulpenak itzulpenak direla ukatzea, zer eta moldaketak egin zaizkiola argudiatuz. Horren atzean zera dago, itzulpena hitzez hitzezkoa delako ustea. Iruditzen zait ezezagutza dagoela arrazoiketa horren atzean; horregatik bilatzen dira beste termino batzuk. Badaude bestelako faktoreak ere, noski: komertzialki komenigarriagoa da esatea autoitzulpena bigarren original bat dela, edo erdarazko bertsio bat, itzulpena dela esatea baino. Sistema espainolak, adibidez, nahiago ditu autoitzulpenak, alde batetik errentagarriagoak direlako, baina baita logika jakin bati erantzuten diolako ere. Zer logika da hori? Alde batetik, itzulpenak kutsu negatiboa du oraindik ere, eta are gehiago euskara tarteko denean, badirudi zalantza gehiago pizten duela. Bestetik, badago asimilazio nahi bat. Espainiako literatur sistemak badauka indar zentripetu bat eta nahi du hizkuntza periferikoetan sortzen diren obrak hizkuntza hegemonikora ekartzea eta ahal dela autoitzulpenaren bidez egitea, izan dadin bigarren original bat eta funtzionatu dezan jatorrizko bat bezala. Asimilazio orok dakartzan arriskuak dakartza horrek, eta edukiaren esku geratzen da maiz euskal identitatea adieraztea edo ez. Alde horretatik, tesian iradokitzen dut euskal sistemak erreproduzitzen duela Espainiaren indar zentripetu hori. Diru publikoz bultzatzen da autoitzulpena, dela sariketetan aparteko kopuru bat itzulpenari emanez, dela aleak erosiz, dela beken bidez. Beharbada itzulpenerako beste bide eta modu batzuk sustatu ahalko lirateke, hizkuntza gutxituen artekoa, adibidez; egun, ontzat ematen da, munduratzeko, gaztelaniatik pasatu beharra. Frantziar sistemak ere hala egiten al du? Ez, eta horrek ez du esan nahi hoberako denik, zeren behintzat Espainiak asimilatu nahi du, aitortzen du badagoela euskal literatura bat, berean integratu nahi duena; aldiz, frantziar estatuan itzulpenek beti bete dute oso leku periferikoa, eta hizkuntza gutxituak ez dira aitortzen, badago mespretxu handiagoa. Oso adierazgarria da zer euskarazko liburu gutxi dauden frantsesera itzulita. Badago ez autoitzultzea erabaki duen autorerik. Bai, eta gure kontestuak autoitzultzeko baldintza guztiak ematen ditu, beraz oso esanguratsua iruditzen zait hautu hori. Badago deserosotzat duena bai autoitzulpena bai itzulpena bera, adibidez Joxe Azurmendi. Hark hizkuntzatik eta kulturatik ulertzen du nazio eraikuntza, mundu euskaldunari eskaini nahi dizkio bere testuak, eta beraz testuinguru horretan ulertzen ahal dugu haren erabakia, ados egon zein ez. Bestetik, Uxue Alberdik adibidez esan du literarioki euskal idazletzat duela bere burua eta ez dela eroso sentitzen erdaraz idazten, nahiz eta eskaini dioten. Ez du ukatzen, hala ere, beraren lanak beste norbaitek itzultzea. Edonola ere, gehiago dira autoitzuli dutenen adierazpenak, autoitzuli ez dutenenak baino. Argazkia: Dani Blanco. Autoitzuli dutenek zergatik autoitzuli dute? Alde batetik ikusten ahal ditugu motibazio pertsonalak, adibidez norberaren lana beste hizkuntza batean garatzeko gogoa. Beste motibazio pertsonal bat izan daiteke obraren autoretzari edo kontrolari eutsi nahia; nahiko kontrol dudazkoa da, baina tira. Eta horri lotuta mesfidantza itzultzailearekiko. Baina beste testuinguru batzuetan ere atera da hori dena, ez da gurea esklusiboa. Badaude kanpo faktoreak ere, nahiz eta pertsonala eta kanpokoa beti dauden loturik, baina kanpokotzat jotzen ahal dira "itzultzaile falta" –nahiz eta geroz eta gehiago dauden beste hizkuntzetara ere–, dirua, denbora… Profesionalizazioarekin ere lotura du: horretaz bizi nahi bada, gehienetan, ez da beste biderik. Zergatik diozu kontrola dudazkoa dela? Badirudi zilegitasun handiagoa ematen zaiela autoreei, badirudi haiek sortu dutenez obra haiek izanen direla aproposenak obra hori itzultzeko, haiek dakitelako zer esan duten. Nik beti esan dut haiek dakitela zer esan nahi zuten, gero beste gauza bat da zer geratu den paperean. Bestalde kontrol hori mugatua da ikusi dugulako zer gauza eskatu dizkieten autoreei. Adibidez, Uxue Alberdik kontatu du nola Alfaguarak eskaini zion [ Aulki jokoa ] autoitzultzea, baina eskatu zioten liburua mozteko eta egokitzeko erdal publikora eta erdal sistema literarioko orduko joeretara. Ez zuen egin. Azkenean, gaztelaniazkoa euskal argitaletxe batek atera zuen, Miren Agur Meabek itzulita. Zeuk ipuin-liburu bat argitaratu zenuen iaz. Autoitzuliko zenuke? Ez. Esan nahiko nuke jarrera politiko bat dela, baina ez da hori hutsean, zeren ez daukat hain landua hizkera literarioa gaztelaniaz, eta horretaz gainera iruditzen zait gaur egun badaudela itzultzaileak hori egiteko. Bestalde, halako azterketa bat eginda eta ikusita sistemen arteko mendekotasunak, asimetriak eta abarrak, ez dut parte hartu nahi joko horretan. Autoitzuliz gero beti izango gara mendeko? Hizkuntzaren egoera soziolinguistikoak eragina du autoitzulpen eta itzulpen jardunean. Adibide bat jartzearren: ez da gauza bera frantsesaren eta ingelesaren artean itzultzea Europan ala Quebecen. Ez dauzka inplikazio berak inondik inora eta horregatik diot hizkuntzen arteko asimetria kontuan hartu behar dela, eta gurea bezalako kultura eleaniztun, periferiko eta mugakide baten konplexutasun horiek guztiak ezinbestean hartu behar direla aintzat autoitzulpen edo itzulpen jarduna ikertzean. Ez nago euskaratik itzultzearen kontra, uste dut euskaratik itzuli behar dela, argi eta garbi, eta hori bultzatu, baina betiere kontuan hartuz nola egiten den, eta asimilazio horretan erori gabe, hain zuzen ere oso erraza delako hor erortzea. Azken batean, euskal literaturan sistematikoki autoitzultzen da hizkuntza subordinatutik hegemonikora, eta ez alderantziz. Nola egin dakioke aurre asimilazio nahi horri? Diskurtso mailan posizionatu zaitezke. Argi esaten baduzu erdarazko hori itzulpena dela, horrek adierazten du aurrez badagoela beste testu bat eta beste kontestu eta hizkuntza batean sortu dela, horrek dakartzan inplikazio eta konnotazio guztiekin. Bertsioa edo berridazketa dela esaten baduzu, ordea, jakina badagoena sorburu-testu bat, baina beti hartuko du hizkuntza hegemonikoan dagoen horrek maila goragoko bat, ez bakarrik euskararen kasuan, beste egoera asimetriko guztietan berdin, zeren dena delako moldaketa horiek ez dira sekula atzera itzultzen euskarara edo, oro har, hizkuntza subordinatura. Gero, testuan bertan posizionatu zaitezke. Miren Agur Meabek, adibidez, glosario bat sartu zuen Un ojo de cristal -en amaieran. Hori posizionatze bat da, oso argi uzten du erdarazkoa itzulpen bat dela. Kultur trasbasea oso nabarmena da, zeren egia esan glosarioan agertzen diren hitz horiek ez dira hain espezifikoak, eta itxuraz ez zegoen beharrik halakorik egiteko. Ez dut esanen goazen orain denok glosarioak egitera, neutralizazioa saihesteko bide bat baino ez da. Beste itzulpen batzuetan, bestalde, jatorriari lotutako terminoak desagertu egin dira erdarazkoan, ez hala hizkuntzari loturiko erreferentziak: euskara agertzen da, horretarako "premiarik" ez dagoenetan ere, eta ikusi dut hain zuzen euskara agerraraztea izan daitekeela bestela egiten diren neutralizazioak konpentsatzeko eta iruditeria sozial euskalduna adierazteko modu bat.
news
argia-a3b57106e2de
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/indarra-eta-sentimenduak.html
Indarra eta sentimenduak
Joxi Ubeda Goikoetxea
2018-06-03 00:00:00
Indarra eta sentimenduak Hau egurra! Hau sasoia! Itzela da Tooth Gernika-Lumoko taldearen disko berria. Sei kanta dira, eta CD eta binilozko euskarrietan entzun daitezke. Biak ala biak daude karpetaren barruan. Rock eta post-hardcore giroko doinu biziak dira. Erritmo bortitzak, zapalgarriak, errepikakorrak, bat-bateko aldaketak, distortsioa, oihuak. Sua darie kantei, grina, indarra eta sentimenduak. Besteak beste, gerrez eta agintariez gogor mintzo dira: "Guda sofan eroso etzanda dauden agintariek diotenean hasi eta amaitzen da" ( Gudu-zelaiak ). Asier Martinez Mintegi Pulpo Porco Bravo taldeko kide zenari eskaini diote kanta bat eta bidenabar beren gustuko talde bat aipatu dute: "Noiz iritsiko da unea zurekin elkartzeko Fugazi soinu banda delarik gure besarkadetan galtzeko" ( Pulpo ). Baina gehienbat gogoeta egiten dute bizitzan hartu behar den jarreraren gainean, izateari buruz, denboraren iragateaz: "Dena dago zure erabakien zain, aurpegia ala ifrentzua, zeuk esan, azken finean bizitza tramite huts bat da, oroitzapen huts bilakatuko gaituena" ( Zu ); "Ireki itzazu begiak eta begiratu ezazu, konturatu zaitez ez zarela hura" ( Ni al naiz? ); baina itxaropena galdu gabe: "Ezgauzak sentitzen gara baina sentitzen dugu eta bada zerbait" ( Ezgauzak ); "Bilatzen nabil inguruotan baina ezin dut aurkitu, galdurik nago baina bada nire barnean indar bat bultzada ematen didana" ( Amaierarik ez... ). Edorta (gitarra eta ahotsa), Arza (bateria) eta Mirri (baxua eta ahotsa) taldekideen lanaz gain, aipagarria da Iñigo Etxeberrieta eta Victor Garcia teknikariek egin dutena, grabazioan eta masterizazioan, hurrenez hurren. Horrela gauzatu dute horren soinu sendoa, ozena, biribila. Diskoa jendaurreko emanaldietan aurkezten hasi dira jadanik, han eta hemen. 2015ean kaleratu zuten Bi diskoarekin Euskal Herriko, Espainiako Estatuko zein Europako toki ugaritan jotzen ibili dira, eta urte eta erdian guztira 70 bat saio egin dituzte. Ez da harritzekoa beren emanaldiak ikusteko eta sentitzeko modukoak izaten baitira.
news
argia-0844d0df3376
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/bakezaleak-gara-eta.html
Bakezaleak gara eta
Katixa Dolhare-Zaldunbide
2018-06-03 00:00:00
Bakezaleak gara eta Maiatzaren 6ko ARGIAn, Pello Zubiria Kaminok biziki argiki azaldu du Europar Batasunaren aurrekontuetan nola nagusitu den armagintza. Zinez beldurgarri eta oldargarria da. Gaiak merezi du zabaldua izatea: eguneroko jokamolde eta solasaldietan nabari dira agresibitatea eta gerla egoeraren onarpena. Batzuek sinesten dute gizakiaren bilakaera bake orokorrerantz aritzea dela, eta tartean euskaldun anitzok nahi genuke gure herrian hasi den bake prozesua bururaino joan dadin. Baina bide horretan oztopoak eta dudak biderkatzen zaizkigu. Ikus ere Palestina eta Israelen arteko gatazka: nork sinesten du bakea inoiz lortu dezaketela? Ez ote du munduko gehiengoak onartua Ekialde Hurbila etengabeko gerla gunea dela? Eta nagusikiago gerla egitea dela gizakiaren zortea? Bakearen baitan printzipioz sinestea beharrezkoa da bizirauteko, baina gizarteak bortizkeria sakonki baimendua duela begi-bistakoa dut. Klasean, ohartzen naiz nerabe gehienentzat normala dela mundua soldaduz eta armaz apaindurik irudikatzea; zenbaitzuek gaiztaginen torturatzea gorapaitzen dute beren idazlanetan, kontuan hartu gabe torturaren praktika debekatua dela, hedabide arruntek gisa hartako itxurapenak zabaltzen dituztelako, familietan hari horretatik doazelako solasaldiak, eta, oro har, bortizkeriaren hiztegia ohikoa bihurtua delako. Baina harrigarriago ere bada: ikastetxe publikoetako zuzendari eta irakasleek hautu berria daukagu gure klaseetan geldirik ez dauden ikasleak egiazko larderiaz hezteko, armadaren laguntzarekin. Alabaina, 2011z geroz, Frantziako Hezkunde Nazionalak eta armadak partaidetza bat izenpetu dute, eta interesatuak diren ikastetxeek (izan eskola, izan kolegio, izan lizeo) galdegiten ahal dute ikasle nahasiek "defentsa, hiritartasuna eta seguritate klasea" osa dezaten. Klase berezi horietan, ikasleek harreman hertsia daukate armadako sail batekin: trukaketa elektronikoak badituzte urte guztian, ofizialak heldu dira klasera, ikasleek itsaspeko nuklearrak edo trebaketa guneak bisita ditzakete, eta berek ere, joko bidez, bizitzen ahal dute krisizko interbentzioa. Abantaila omen da irakasleentzat bakea kasik segurtatua dutela ondotik klasean delako ikasle baratxegaitzekin, eta ikasleentzat arauak azkenean errespetatzen ikasten dutela. Bere aldetik, armadak, gerorako errekrutamendua prestatzeaz gain, itxura baikorra hedatu nahi du gizartean gisa horretako dispositiboei esker –funstean, iazko kolegioetako brebetean, ez ote zitzaien galdegiten 15 urteko gaztetxoei armadaren goresmenaz egitea idazlana?–. Gainera, irakasle eskoletan ere abiatuak dira irakasleendako formakuntza bereziak, armada hobeki ezagutu dezaten, eta hobeki goraipa dezaten ondotik klaseetan... Nekezian dauden haurrak idazketa tailer, antzerki, esku-lan, musika edo onginahizko protokoloen bidez laguntzea bakezale idealisten ameskeria zaharkitua baizik ez balitz bezala. Arazoen konpontzeko erantzun militarra arrunta bihurtzen den garai honetan, nehoiz baino beharrezkoak bihurtu dira ulermen eta gogo hazkurri guneak: gertatzen denaren interpretatzen lagunduko gaituzten argibide medioek, gizartea eraldatzeko xedea daukaten hainbat hedabide edo elkartek eskaintzen dituztenak, zernahi zailtasun gainditurik. Oroz gainetik, solastokien beharra dugu, jakin dezagun globalki eta tokika gizartean indarrean dauden mitologiak ezagutzen, deseraikitzen, gureganatzen edo baztertzen, betiere jendetasuna xede, hondamendi orokorra gerta ez dadin.
news
argia-5e290accf18c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/oholtxo-asiriarren-jarraibideak.html
Oholtxo asiriarren jarraibideak
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-06-03 00:00:00
Oholtxo asiriarren jarraibideak Iazko urrian idazkera kuneiformez idatzitako 90etik gora buztinezko oholtxo aurkitu zituzten Bassetki aztarnategian (Kurdistan). Orain Heidelbergeko Unibertsitateko ikerlari Betina Faist-ek K.a. 1250. urteko testuok diotena deszifratu du. Asiriar Inperioko hiri garrantzitsu baten kokapena adierazten dute, historialari alemaniarraren arabera. Mardaman Mesopotamia iparraldeko hiri garrantzitsua izan zen K.a. 2200 eta 1200 urteen artean. Antzinaroko hainbat iturrik aipatzen dute, baina orain arte ikerlariek ez zekiten non zegoen. Buztinetan idatzitako jarraibide horiek hiriaren aztarna arkeologikoak aurkitzeko balioko al dute?
news
argia-dcbd2eed9280
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/momentu-fantastikoa.html
Momentu fantastikoa
Onintza Irureta Azkune
2018-06-03 00:00:00
Momentu fantastikoa Irakurle klub feministez mahai-ingurua egin zuten Malen Vilches, Josune Muñoz eta Gema Lasartek maiatzaren 5ean, Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean. Bertako kronika da hau. Malen Vilches, Josune Muñoz eta Gema Lasarte mahai-inguruan. Haiekin, literatura eta feminismoa batzen dituen eta ekitaldiaren antolatzaile izan zen Sareinak taldeko kideak eta Gema Lasarteren Gasteizko irakurle klubeko partaideak.  Irakurle klub feministak gaur bezala egituratuta ez zeuden garaiaz hasi dira hizketan. Josune Muñozek –zerbitzu literarioak eskaintzen dituen Skolastikaren sortzailea– duela 30 urteko gosea aipatu du, Euskal Filologian idazle emakumezkoak ikasten ez ziren garaia. Vilchesek irakurle klub deitzen ez ziren baina egiteko bera zuten irakurketa molde kolektiboak gogoratu ditu. Miedo a volar, El cuaderno dorado, Mujer habitada, Dalloway Andrea , eta beste. Gaztelaniaz, ezin bestela. Gaur bezala orduan ere mugimendu feministak ikasi beharra zuen, liburu bidezko eztabaidak formakuntza modu bat ziren. Oraingoa ordea, "momentu fantastikoa da, King Kong Teoria, Caliban eta sorgina ... euskaraz ditugu!", dio Muñozek. Gema Lasartek Gasteizko irakurle kluba gidatzen du duela lau urtez geroztik. Kluba elkarrekin ikasteko proposamentzat du, "dialektikak jakintza sortzen du". Lasartek partaide kopuruari garrantzi berezia ematen dio, alegia, talde handiegiek klubak duen egitekoa ahultzeko arriskua dute. Izan ere, irakurle taldeak plazak dira, denek hitz egiteko, eztabaidatzeko, emakumeak ahalduntzeko prozesu. Mihiari hozka egiten dio partaide guztiek hitz egin arte isilik egoteko. Euskal emakume idazleak lehenesten ditu, gazteak eta klasikoak tartekatu. Hiru helburu orokorretan definitu ditu irakurle taldeok: eztabaida sortu eta partaideak literaturara eta feminismora gerturatu. Bi gauza botatzen ditu faltan Lasartek. Batetik, gazte gutxi dabilela irakurle taldeetan. Mugimendu feministan gazteak asko dira eta irakurle taldeetan urri. Bestetik, egindakoa ez gordetzearen kezka du: "Liburu bat komentatzen dugun bakoitzean eskola egiten dugu, hain gogoeta sakonak unibertsitatean ere ez dira egiten. Momentuko jakintza nola gorde edo nola plazaratu pentsatu beharra dugu". Lasarteren hausnarketak eztabaida piztu du. Unibertsitatearen ezaugarrietako bat hierarkia izanik, irakurle klubetako lanaz interesik ez duela dio batek. Irakurle taldeak balioan jartzea lortuz gero, agian orduan piztuko zaio interesa. Beste batek anekdota kontatu du: institutuetan liburu berak programatzen dituzte urtero, sarri gazteentzat desegokiak, astunak. Halako batean irakasle batek bestelako liburu bat programatu du eta arrakasta izan du. Liburu hori proposatu du irakasle batek beste eskola batean, eta irakasle kideen errezeloak: "Zein da liburua? Nork gomendatu du liburu hori?". Mugimendu feministatik datorrenari beldurra agian? Hirugarren batek zalantzan jarri du herri mugimendutik eragin diren irakurle taldeek lotura behar dutenik akademiarekin, "herrikoiak herrikoia izaten segi behar du, mugimenduarena da".
news
argia-587a07336f3f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/irakurle-klub-feministez-mahai-ingurua.html
Momentu fantastikoa
Onintza Irureta Azkune
2018-06-03 00:00:00
Momentu fantastikoa Malen Vilches, Josune Muñoz eta Gema Lasarte mahai-inguruan. Haiekin, literatura eta feminismoa batzen dituen eta ekitaldiaren antolatzaile izan zen Sareinak taldeko kideak eta Gema Lasarteren Gasteizko irakurle klubeko partaideak. Irakurle klub feministak gaur bezala egituratuta ez zeuden garaiaz hasi dira hizketan. Josune Muñozek –zerbitzu literarioak eskaintzen dituen Skolastikaren sortzailea– duela 30 urteko gosea aipatu du, Euskal Filologian idazle emakumezkoak ikasten ez ziren garaia. Vilchesek irakurle klub deitzen ez ziren baina egiteko bera zuten irakurketa molde kolektiboak gogoratu ditu. Miedo a volar , El cuaderno dorado , Mujer habitada , Dalloway Andrea , eta beste. Gaztelaniaz, ezin bestela. Gaur bezala orduan ere mugimendu feministak ikasi beharra zuen, liburu bidezko eztabaidak formakuntza modu bat ziren. Oraingoa ordea, "momentu fantastikoa da, King Kong Teoria , Caliban eta sorgina ... euskaraz ditugu!", dio Muñozek. Gema Lasartek Gasteizko irakurle kluba gidatzen du duela lau urtez geroztik. Kluba elkarrekin ikasteko proposamentzat du, "dialektikak jakintza sortzen du". Lasartek partaide kopuruari garrantzi berezia ematen dio, alegia, talde handiegiek klubak duen egitekoa ahultzeko arriskua dute. Izan ere, irakurle taldeak plazak dira, denek hitz egiteko, eztabaidatzeko, emakumeak ahalduntzeko prozesu. Mihiari hozka egiten dio partaide guztiek hitz egin arte isilik egoteko. Euskal emakume idazleak lehenesten ditu, gazteak eta klasikoak tartekatu. Hiru helburu orokorretan definitu ditu irakurle taldeok: eztabaida sortu eta partaideak literaturara eta feminismora gerturatu. Bi gauza botatzen ditu faltan Lasartek. Batetik, gazte gutxi dabilela irakurle taldeetan. Mugimendu feministan gazteak asko dira eta irakurle taldeetan urri. Bestetik, egindakoa ez gordetzearen kezka du: "Liburu bat komentatzen dugun bakoitzean eskola egiten dugu, hain gogoeta sakonak unibertsitatean ere ez dira egiten. Momentuko jakintza nola gorde edo nola plazaratu pentsatu beharra dugu". Lasarteren hausnarketak eztabaida piztu du. Unibertsitatearen ezaugarrietako bat hierarkia izanik, irakurle klubetako lanaz interesik ez duela dio batek. Irakurle taldeak balioan jartzea lortuz gero, agian orduan piztuko zaio interesa. Beste batek anekdota kontatu du: institutuetan liburu berak programatzen dituzte urtero, sarri gazteentzat desegokiak, astunak. Halako batean irakasle batek bestelako liburu bat programatu du eta arrakasta izan du. Liburu hori proposatu du irakasle batek beste eskola batean, eta irakasle kideen errezeloak: "Zein da liburua? Nork gomendatu du liburu hori?". Mugimendu feministatik datorrenari beldurra agian? Hirugarren batek zalantzan jarri du herri mugimendutik eragin diren irakurle taldeek lotura behar dutenik akademiarekin, "herrikoiak herrikoia izaten segi behar du, mugimenduarena da".
news
argia-c4f0a2555a0b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/mendi-errusiarrean-nola.html
Mendi errusiarrean nola
Amaia Alvarez Uria
2018-06-03 00:00:00
Mendi errusiarrean nola Maialen Hegi-Lukuren opera primari buruz hitz egingo dugu hurrengo lerroetan. Girgileri anderea izenburua eman dio aurtengo Gazteluma IX. Literatur sorkuntzarako burtsan irabazle izan den lanari. Ipar Euskal Herriko idazle gazteak euskaraz idaztera bultzatzeko sortu zuten 2000. urtean eta hau da saritutako zazpigarren lana. Munia protagonista bipolarra da eta egilearen xedea irakurlea "eri-ero-tasun" horren aurrean jartzea da. Horretarako kanpotik eta barrutik begiratuko diote gaiari ahots narratibo desberdinek. Lehen pertsona agertuko zaigu protagonistak bere esperientziaren berri ematen digunean eta hirugarren pertsonarekin narratzaileak erakutsiko dizkigu ingurukoek, senideek eta lagunek, nola bizi duten. Nahasmendu psikologikoak, buruko gaixotasunak, gogo-mina, zoramena... Azkenaldiko mendebaldeko kulturan gero eta zabalduago dauden gaitzak dira eta euskal literaturan ere nabari da presentzia areagotze hori. Orain arteko bi adibide azpimarragarrienak Itxaso Martinen Ni Vera (2012) eta Alaine Agirreren Odol mamituak (2014) dira. Hiru lanotan agertzen dira esperientzia hau bizi izan dutenen testigantza eta ingurukoengan izan duen eragina. Hegi-Lukuk bipolaritatea fikzioaren bidez kontatzeko saiakera honetan testu mota anitzak erabili ditu: narrazioa, elkarrizketak, egunerokoa, sare sozialetako mezuak, gutunak, eta idazteaz gain, azaleko eta bost atal hasieretako marrazkiak egin ditu. Erabilitako irudi eta sinboloek mitologiatik edaten dute amalurra, lamia, edo katu beltza orriotara ekartzen dituenean, eta larrea eta kalea elkarren arteko lehian kokatu ditu. Protagonista Parisen bizi da, baina trenez ibiliko da joan eta etorrian Baionako gurasoen baserrira eta buelta hirira, osatzeko eta oreka berreskuratzeko.   Koloreei dagokienez, beltza, iluntasuna eta gaua hedatzen dira depresio uneetan, goraldi eta delirioetan aldiz, mila kolorek kitzikatuko gaituzte merkataritza guneetako neoi eta kaleetako argietan. Agirreren lanean aldiz, gorria zen nagusi, odolaren, larritasunaren kolorea. Zeharka, ikuspegi kritikoa ere agertzen da, adibidez, protagonistak galdetzen duenean "nork edo zerk du lema atxikitzen?", gorputzak, gogoak, psikiatrek, laborategi farmazeutikoek? Beraz, bada modurik gai hauetan euskaraz barneratzeko.
news
argia-483768178d9c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/amaia-zufia-euskal-herriko-eskubide-sozialen-kartako-ordezkaria.html
"Beste mundu bat eraiki dezakegula ideologikoki sinestea giltzarri da"
Xabier Letona
2018-06-03 00:00:00
"Beste mundu bat eraiki dezakegula ideologikoki sinestea giltzarri da" Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkaria da. Iruñean jaio zen eta 28 urte bete berri ditu Zufiak. Bilgune feministako kide da eta, hortik egin du jauzi Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartara eta Alternatiben Herrira. Azken honek, baietzari indarra emateko, alternatibak erakusteko eta ezagutzak josteko balio behar duela diosku. Baionan egin zen lehen Alternatiben Herria 2013an, bigarrena Bilbon 2015ean. Zein balorazio egiten duzue egindako ibilbideaz? Oso balorazio positiboa. Hasieran oso zentratua egon zen klima aldaketan, baina gero eta ikuspegi integralagoa hartu zuen eta, herri gisa behar ditugun alternatibez eta prozesuez hitz egitera pasatu gara. Indarrak metatzeko aukera eman digu txiki eta handiei. Mugimendu sozio-sindikala konturatu da indar handia ari dela xahutzen sistemari ezetz esaten greba orokor eta bestelako dinamiken bidez: "murrizketei ez", "kapitalismoari ez", "lan baldintza hauei ez"… Baiezkoa gutxiago landu izan dugu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta hori jorratzera etorri zen. Alternatiben Herria da horren adierazle nagusia. Egun zehatz horretatik egunerokora jauzi egitea da gure erronka. Eta nola dago osasunez kapitalismoari alternatiba jarri nahi dion esparru zabal hori? Sisteman honen aldetik egunero jasotzen dugun bonbardaketa handia da. Horren aurrean etsipen handia dago, eta horregatik, beste mundu bat eraiki dezakegula ideologikoki sinestea giltzarri da. Alternatibak guk uste duguna baino gertuago ditugu sarri. Txikitik alternatiba asko eraikitzen ari dira:  energiaren munduan, elikaduran, teknologian, gorputz aniztasunean… Gure hutsunea da alternatiba horiek guztiak oso sakabanatuta ditugula. Asko daude, eta gainera, normala denez, bakoitzarentzat berea da garrantzitsuena. Horrek askotan zaildu egiten du alternatiba orokorretan pentsatzea. Bakoitza beretik, baina orokorrean pentsatuz aritzea lortu beharko genuke, bakoitzaren alea marko komun batean jarriz. Horregatik elkar ezagutzea eta elkar saretzea gakoa da. Nafarroan banaketa politiko handia da gizartean (naziotasuna, hizkuntza…), eta esparru sozialean ere islatzen da hori neurri batean. Alternatiben herriak lortzen al du bi esparru horietako polo sozialenak hurbiltzea? Nahiko genuke. Azkenean gure aldarrikapena zera da: eskubide sozial guztiak herritar guztientzat, eta hori gehiengo sozial osoaren interesekoa da. "Bizitza burujabea eskubide osoz" da gure goiburua, eta hor sartzen dira baita ere eskubide kultural eta linguistikoak, euskararen defentsa. Baina jatorri eta desberdinen arteko aniztasuna eta elkar ezagutza asko baloratzen dugu; beraz, esparru zabal batera iristeko balio beharko luke Alternatiben Herriak. Egun zehatz bati begira sare asko josten dira. Gero mantentzen dira? Kasu  batzuetan bai. Bilbokoaren ondoren, naturaren auzoak lortu du saretzea eta orain, esaterako, Ziordian (Nafarroa) topaketak egin berri dituzte aurrera begirako lan ildo eta estrategiak pentsatzeko. Martxoaren 8ko mobilizazioak, pentsiodunenak… esparru batzuetan gizartea bizi-bizi dago gainera. Azken finean, gero eta kezka handiagoa dugu egungo bizi ereduarekiko, ardura sentitzen dugu gure praktika indibidual zein kolektiboak aldatzeko, eta kosta egiten da, baina badakigu egin behar dugula. Eraldaketa beharra oso zabaldua dago gizartean: hobeto bizitzeko, lan baldintza duinak izateko, natura suntsitzeari uzteko, zahartzaro duina izateko, emakume gisa aske ibili ahal izateko… Eta gune askotatik, eta Alternatiben Herritik ere bai, lortzen ari gara hori guztia ikuspegi anitzeko burujabetzarekin lotzea.
news
argia-398e90d3353b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/herri-boteretik-euskal-erregimena-borrokatuz.html
Herri boteretik "Euskal Erregimena" borrokatuz
Maddi Txintxurreta
2018-06-03 00:00:00
Herri boteretik "Euskal Erregimena" borrokatuz Maiatzaren 19tik 27ra Bizitza Da Handiena kanpaina gauzatu dute Donostian. 63 herri mugimenduk eta sindikatuk "borroka sozialen astearekin" bat egin dute, eta "herritarron kapitala" aldarrikatu dute. Lubaki desberdinek fronte bakarra osatu dute. Ozenen entzun den oihua turistifikazioaren aurkakoa izan da, izan ere, Turismoaren Mundu Erakundeak goi-bilera hirian egin behar zuen egunekin bat egin du mugimendu desobedienteak. Kalean gauzak aldatzeko grina apaldu dela, maiztu dela borrokarako adorea, lausotu begirada kritikoa. Ez omen da oraingo Donostia lehengoa bezalakoa, zapalduek ez dutela sumatzen zapaltzailearen bota garondoan iltzatuta. Azken aste honetan erakutsi dute existitzen dela herritar hezikaitz mordoa, borroka ugariren baturaren plaza. Postal turistikoetako Donostia idilikoaren atzean dagoena azaleratu da. Txikitik, baliabide gutxirekin, Bizitza Da Handiena kanpaina bestelako hiri bat proiektatzen saiatu da, pentsaera eta borroka desberdinen baturatik eta ahalduntzetik. Mezua sinplea baina garbia izan da: "Ez gaude ados". Bizitza Da Handiena dinamikari 63 eragilek adierazi diote atxikimendua, batzuk proiektua politikoki babestuz eta beste batzuk borroka sozialen gurdiari tiraka; antolatuz, eztabaidatuz eta ospatuz. 63 eragilek bat egitea ez zen erronka erraza. Azken asanbladan kide beterano batek adierazi zuenez, Gipuzkoako hiriburuan halako zerbait sortzeko saiakera ugari egin dira azken 30 urteetan, eta hau da gorpuztu den bakanetakoa. "Hau erreala da, behetik gora sortu da eta hemen gaude", adierazi du. Orain arte bakoitzak bere lubakitik egin du erresistentzia, baina bazuten susmoa indarrak batu zitezkeela. Etsai komunari "euskal erregimena" deitu diote: Herritarren plazetatik urrunduta bulego hotzetatik aldebakartasunez erabakiak hartzen dituzten horiek; Donostian metro-pasantea eta Zubietan erraustegia eraiki nahi dituztenak, etxebizitzen alokairuak garestituz gazteen emantzipazioa ezinezko bihurtzen duena, hirian hotel gehiago ireki nahi dituztenak, Turismoaren Mundu Erakundeari alfonbra gorria jarri diotenak, pentsioak behar beste igotzen ez dituen gobernuarekin aurrekontuak onartu dituztenak, hedabideetatik protesta soziala zentsuratzen dutenak... Baina, etsai komuna bainoago, gizartearen eraldaketarako grina partekatu dute eragileek. Abiapuntua berbera: erresistentzian, desobedientzia zibilean eta kolaborazio ezan oinarritutako borroka ez-biolentoa, eta bizitza erdigunean jartzea. Helburu horrekin sortu da "borroka sozialen astea". Astebete ekitaldiz, hitzaldiz, musikaz eta ekimen desobedientez lepo. Aste parekide eta parte-hartzailea, herri boterearen ber-haste eta hazte bat. Ahalduntze kolektibo bat. Eraikinaren lehen sorpresa Kalejira batekin abiatu zen dena, Bulebarrean maiatzaren 19 goizean. 300 pertsona inguru abiatu ziren trikitilariei segika, mozorrotuta eta alai. Bizitza Da Handiena k bizipoza ekartzeko eskatu zuen, eta etxeko lanak eginda agertu ziren Donostiako postalaren markotik kanpo bizi direnak. Gutxik espero zutena gertatu zen gero: Idiakez kaleko seigarrenera iritsi eta 2002tik lehenengoz ireki zituzten zortzi solairuko bloke baten ateak. Ertzainez beteriko Gipuzkoa Plazaren ondoan, herritarrek sorpresa eman zuten: Okupazio batekin hasi da borroka sozialen astea. Hautseztatuta zegoen eraikina, utzita. Aulki zaharrak, zuzenbideko liburu mardulak eta epaiketa gela abandonatuak. Espainiako Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarena da eraikina, baina urte luzez amaraunak zintzilik izan ditu, hiriko erdigunean utzikeriak janda, 2002an hustu eta 2009ko irailaren 29an ia 10 milioi euroko prezioan enkantera atera zenetik. Harik eta Bizitza Da Handiena dinamikak biziberritu duen arte. "Herritarron Etxea": Zaintza eta borroka Goitik behera garbitu dute eraikina, auzolanean dena. Argia jarri, garbiketarako ura solairuetan dauden mahuketatik baliatu eta edangarria Bretxako iturritik hartu, eragileen kartelekin paretak atondu, zortzigarren pisutik beheraino fatxadan pankarta erraldoi bat jarrita kalea aldarrikatu eta atarian bi joaldun astebetez herri boterearen zaindari gisara finkatu. Eraikina okupatu berritan egindako prentsaurrekoan lau haizetara zabaldu zuten: Azken urte eta erdian Donostian legez kanpoko huste ugari egin dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak. Prentsaurrean argitu zutenez, legeak dioenez, eraikin publikoan sartuz gero, administrazioak hamar eguneko epea eman behar duela husteko. Bizitza Da Handiena astebeteko ekimena zen, zortzi gau eman ditu "Herritarron Etxean". Ertzaintza eta udaltzaingoaren aldizkako bisitak izan dituzten arren, ez dituzte kaleratu. Agian izango zuen pisurik agintariei abisatu izana kaleratuz gero plazetara mugituko zutela kanpaldia. "Bazen garaia norbaitek zerbait egiteko eraikin honekin", adierazi du okupazioa gertatu bitartean bertatik igaro den agure batek. Bertan izan dira Ira, Haizea, Bittor, Lur eta Ilargi. Ez dira orriotara testigantzak ekarri dituztenen egiazko izenak, baina aste osoa ibili dira kanpaina antolatzen eta eraikinean bizitzen. Ekintzaz betetako astearen bukaeran tarte bat hartu dute ARGIArekin hitz egiteko. Okupazioa baino, "garrantzitsuena kalean gertatu dena" dela iritzi du Lurrek. Alabaina, zaintza eta elkarbizitza "etxean" sortu direla nabarmendu dute guztiek. "Ideologia ugaritako pertsonak batu gara hemen eta aurrera eraman dugu guztia, inolako haserrerik gabe", esan du Bittorrek. Ilargik hari berberari eutsi dio: "Elkartu gara pertsona batzuk agian espazio hau existitu ez balitz ez ginenak sekula ezagutuko". Pertsona ugarik egin dute bizitza bloke okupatuan. Bertan otordu herrikoiak prestatu dituzte borondatearen truke, garbiketa txandak egin; zaintzarik gabe gauza-ezina baita borroka. Haizeak horixe azpimarratu du: "Gustatu zait otordu guztiak beganoak izatea, eta hori zalantzan ez jartzea. Zalantzan ez jartzea espazio ez misto bat egon behar dela, baita sukalde eta garbiketarako txandak sortzea ere. Lorpen izugarria da aste bakarrean argindarra, ura, wifia eta lotarako leku bat martxan jartzea". Bizitza Da Handiena kanpainaren aurre-prestaketan okupazioa "ekintza bat gehiago" bezala aurreikusi zen, baina leloaren aldarriari jarraiki, bizitza erdigunean jarri duen espazioa izan da "Herritarron Etxea", eta militantzia-eredu nekagarritik aldentzea erdietsi du, gozamenerako espazioa sortuz. Egitarautik kanpoko eztabaiden mahai-buelta eta kulturaren oholtza izan da aurretik hautsak hartuta zegoen eraikina. Gaubelen eta festaren alde ere borrokatu da: Gari donostiarraren emanaldia, bi emakume argentinarrek antzerki feminista egin dute, Hatxe eta Eraul musika taldeak eta Andoni gitarra-jolea ere bertan izan dira; eta eskuz esku pasatu dira, ia uneoro, gitarra eta ukelelea. Pentsaera ugaritako pertsonak ez ezik, askotariko gorputzak partekatu dute espazioa, eta ahaleginak egin dituzte eraikina gune askatzaile bilakatzeko. Normatik kanpoko gorputzetik hitz egin du Irak, transexuala da bera: "Badago lanketa bat eginda, beste identitate batzuen aurkezpena barneratzeko nahia eta ahalegina. Aniztasuna ikusi da, egon da jende nagusia, gaztea, identitate desberdinak, gorputz desberdinak. Hori oso garrantzitsua da. Hala ere, ez da guztiz gune askatzailea izan". Bizitza Da Handiena dinamikak saiakerak egin ditu ahalik eta espazio parekideenak sortzeko: eraikinean gela ez-mistoa sortu dute, hau da, ez-gizonentzako gela, bertan esperientziak, balizko erasoak eta erantzun bateratuak partekatzeko. Protokolo feminista ere idatzi dute eta asanbladetan "gorputz anitzen erosotasuna" bermatzeaz arduratu den lantaldea osatu dute. Asanbladak: Anitz eta horizontal Eguneroko zita garrantzitsuenetakoa asanblada izan da. Arratsaldero 19:30ean hiriko plazetan elkartu dira, egunak eman duena baloratu eta hartu beharreko erabakiak kolektiboki eztabaidatzeko. Gipuzkoa Plazan egin zen lehenengoa, larunbatean, orain bi urteko Gipuzkoa Zutik kanpaldiaren lekukoa hartuta, asanbladaren erdian koloretako paratxuta jarrita, aniztasunaren ikur. Orain bi urte kolektiboki adostutako irizpideetatik abiatu dira asanbladak. Asanbladen dinamikaren kontsentsua idatzi zen, erabakigune ahalik eta horizontalena erdietsi asmotan. Lurrek aipatu bezala, "asanblada izan da aste guztiaren gidaria". Eguneroko lanen kudeaketa lantaldeen bidez egin da: Diru-zaintza, komunikazioa, gorputz anitzen erosotasuna, ekintzen antolaketa, sukaldea, asanbladaren dinamizazioa eta eraikinaren azpiegitura. Bittorrek dio berrikuntza izan dela gorputz anitzen erosotasunari begira sortu den lantaldea: "Saiatu gara ingurura begiratu eta ondokoen beharrak identifikatu eta asetzen". Bizitza Da Handiena kanpainara mota guztietako gorputz eta identitateak erakartzen saiatzeaz gain, iritsi berriei informazioa eman zaie, kudeaketarekin zerikusia duen lantalde batera bortxaz sartzeak eragin zitzakeen deserosotasunak saihesteko. Lantalde horrek berak astearen igaroa begirada feministarekin bideratzea zuen helburu, eta asanbladetan izan zuen isla, Haizeak dioenez: "Ez-gizon dezente ausartu dira hitz egitera. Asanbladetan ez da egon gizonaren protagonismorik". Kaleko ekintzak: Umil baina indartsu Aste osoko egitaraua sortu dute, espazio publikoa hartuz eta "publiko" hitzaren benetako esanahia berreskuratuz: kalea hartuz. Maiatzaren 19an, okupazioaren eguna auzolanean igaro zuten Bizitza Da Handiena lelopean. Borrokaren bilgarri eta elkargunea jada prest, astebetean kalean ekintza ugari egin dituzte. Kanpainara atxikitu diren eragileek prestatutako ekimenak izan dira: Uliara martxa, igandetan irekitzen duten komertzioen aurkako Jaietan Jai, metroaren aurkako zulaketa Kontxan, fanzine tailerra, Kataluniako presoekin elkartasun ekimena, hirian dauden bideobijilantzia kameren identifikazioa, pentsionisten asanblada, Ernairen "alfonbra gorria" ekimena, hainbat langileri ez dietela ordaintzen salatzeko Gogoko Goxuak kafetegian croissant eta kafea doan hartzeko ehunka txartelen banaketa, "Urezko kaiolarik ez" kontzentrazioa Aquariumean, Asepeio mutuaren kanpoaldean kontzentrazioa, MTEri gaizki etorria, "Feministok gudari planto!" kontzentrazioa, "Donostian zer gutxi birziklatzen den erakusteko" errefusaren edukiontzien zigilatzea, Hotel + ez elkarretaratzea, Giri poteoa, Euskal Herriko jaietan animaliez egiten den erabilerari buruzko Gurean dokumentalaren proiekzioa, euskal preso politikoekin elkartasunez enkartelada, Mozal Legearen aurkako Libre lasterketa, Fan Hemendik festa, Aldundiaren fatxadan erraustegiaren kontratua erakusteko eskatuz eta ustelkeria salatuz pankartak jartzea, haurren txokolatada, pentsio duinen aldeko manifestazioa, "Zer metro?" Bideoaren emanaldia eta metroaren aurkako bizikleta martxa. Sarean zabaldutako egitarauan, "Zorionak hoteletako langileei" adierazi dute, egitarauan zegoen eta azken unean patronalak beren eskaerak onartu dituenez egin behar izan ez duten grebari erreferentzia eginez. Hitzaldi eta formaziorako tartea ere izan da: besteren artean, Donostiako herri harresian atxilotu zituzten hainbat lagunen esperientzia, Lurralde Askearen 100 konpromisoen liburuaren aurkezpena, segurtasun digitalari buruzko hitzaldia, Iruñean egingo duten Alternatiben Herriaren aurkezpena, Iñaki Gil de San Vicente Donostia eta Europako kapitalari buruz mintzatu zen, Ainhoa Intxaurrandietak erraustegia eta ustelkeria lotu zituen Angula Ustelak hitzaldiarekin eraikineko epaigela batean... Ekimen batzuetan milaka lagun bildu dira, beste batzuetan dozena bat, eta Bizitza Da Handiena kanpainan parte hartu duten kideek auto-kritika egiteko tartea ere hartu dute, izan ere, antolatutako ekintzetara "espero baino jende gutxiago" agertu dela esan dute. Horren arrazoietako bat hedabide batzuek kanpainari ezarri dioten zentsura izan daitekeela esan dute, "zenbaitzuen interesen ondorioz". Hala ere, garrantzia eman nahi izan diote astebete ekintzaz betetzeari eta lortu diren helburuei. "Gure helburuetako bat zirikatzea zen, eta hori lortu dugu, haiek gure kontra errepresioa erabili badute ere", dio Bittorrek. Pozik agertu dira borroka sozialaren astea barrutik bizi dutenak. "Kuantitatiboki agian ez da izan espero genuena, baina mezua iritsi da. Garbi erakutsi da beste gizarte justuago bat nahi duen jende asko dagoela", esan du Ilargik. Haizeak, berriz, etorkizunera begiratu du: "Astea oso indartsua izan da. Ikusi dut badagoela gogoa gauza gehiago antolatzeko elkarrekin, ikusi ditut eztabaida politak eta elkarlana. Saretze prozesu bat hasi da". Turismoa blindatu du Eusko Jaurlaritzak Bizitza Da Handiena aste honetan egiteko arrazoia Turismoaren Mundu Erakundeko (TME) ordezkarien bisita izan zen, eta kanpainaren helburuetako bat izan da ordezkariok konturatu zitezen donostiar ugari ez daudela egungo turismo ereduarekin ados. Turistifikazioaren Aurkako Europa Hegoaldeko Hirien SET sareko kide da Donostia, eta gainontzeko hiriekin elkarlanean idatzitako manifestua kongresistei helarazteko ardura zuten. Kursaalean zeudela, ez zuten dokumentua hartu nahi izan. Turistifikazioaren aurkako bi ekintzatan, Ertzaintzaren erantzuna bizkorra izan da. Astearte gauean Bizitza Da Handienak deituta Turismoaren Mundu Erakundeko ordezkariei "gaizki-etorria" egin zieten. Gauez atera ziren kalera, "WTO go home" pankartak eskegi zuten Maria Cristina eta Londres hotelen parean, eta suziri bat bota zuten airera, kongresistak esnatu asmoz. Lehen aldia da historian TMEri protesta egiten zaiola. Gau hartan bost lagun identifikatu zituen Poliziak, tartean ARGIAko kazetari bat. Asteazkenean, Gladys Enean egin zuen asanblada Bizitza Da Handiena k, Tabakalera ertzainez inguratua zegoen bitartean. Kalez jantzitako poliziekin parkea hartzea gutxi ez, eta drone bat ere izan zuten airetik zelatan. TMEaren ordezkariak Tabakaleran luntxa zuten bitartean egingo zen ekintza findu zuten asanbladan: txilibituekin zarata egitea erabaki zuten. Baina ez zen hain erraza izan. Polizia oldartu egin zen eta porrak aterata kolpeka hasi ziren era baketsuan protestan ari ziren manifestarien aurka. Liskarrean, ertzainek bi lagun lurrera bota eta atxilo eraman zituzten. Autobusekin estali nahi izan zuten protesta soziala, baina erakineko leihoetatik begiratzen zuten kongresistei atxiloketen momentuaren bideoak helarazi zizkieten ekintzaileek sare sozialen bidez. Gau horretan aske utzi zituzten atxilotuak. Poliziaren jokabideak ez zuen kikildu Bizitza Da Handiena kanpaina eta turistifikazioaren aurkako borroka. Ostiral arratsaldean BiziLagunEkin plataformak deitutako manifestazioan ehunka pertsona atera ziren kalera, eragile desberdinak "turismoak herria hiltzen du" oihuaren pean. Eta orain zer? Larunbat gauean "Garaipenaren Festa" egin zuten erakinean, pozak eta nekeak hustu asmoz. "Aste honen amaieran aste hasieran baino indartsuago gaude", aipatu du Bizitza Da Handiena ko kide batek igandean, borroka sozialaren asteko azkenengo asanbladan. Eraikineko ateak itxiko dituzte, bukatu da borroka sozialen astea. Eragile bakoitzaren hiru aldarrikapen jasotzeari ekin dio Bizitza Da Handiena k, eta horietatik abiatuta, borrokak bateratzen jarraitzeko prozesu bat martxan jartzen saiatuko dira. Baina, orain zer? Bizitza Da Handiena dinamikako hamasei lagun identifikatu ditu Poliziak, eta beste bi pertsona atxilotu dituzte. Identifikazioen atzetik epaiketak etorriko dira, eta horren ostean, isunak. Nola egingo diete aurre? Loratuko da berriro "Euskal Erregimenaren" lohian ereindako hazia? "Herritarron Etxearen" sarraila itxi baino lehen, "Bizitza Da Handiena" idatzita eta ukabil adarduna marraztuta zeukan pankarta erretiratu dute fatxadatik. Baina, adi! Beste pankarta bat utzi dute zintzilik: "Jokoak jarraituko du. Laster arte!"
news
argia-4eb6f022aeea
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/garaipena-florentziako-erraustegian-proiektua-atzera-bota-du-estatu-kontseiluak-behin-betiko.html
Garaipena Florentziako erraustegian: proiektua atzera bota du Estatu Kontseiluak behin betiko
Zero Zabor
2018-05-28 00:00:00
Garaipena Florentziako erraustegian: proiektua atzera bota du Estatu Kontseiluak behin betiko Rossano Ercolini Zero Waste Europe koordinakundeko lehendakariak esan bazuen Florentziakoan jokatzen zela Italiako erraustegi berrien etorkizuna, albiste handia heldu da hondakinen errausketaren aurka eta Zero Zabor (Rifiuti Zero) ereduaren alde saiatzen direnentzako: Italiako Estatu Kontseiluak (Espainian Auzitegi Konstituzionalak biltzen dituen funtzioak dauzkanak) behin betiko baztertu du Florentzia ondoko La Pianan erraustegia egiteko proiektua. Ipurdiko galanta Italia osoan errausketa sustatu duen Matteo Renzi lehen ministro eta Florentziako alkate ohiarentzako. Garaipen bikaina Rifiuti Zero mugimenduarentzat eta bereziki Florentziako errausketaren kontra eten gabe mobilizatu diren Mamme No Inceneritore elkarteko emakumeentzako. Hamabost urte borrokatu ostean lekuko agintariek eraiki nahi zuten erraustegi proiektuaren kontra, Italiako Estatu Kontseiluak eman die arrazoi. Aurretik 2016an ingurumen aferak aztertzen dituen auzitegiak ebatzia zuen baimenak bertan behera uztea, baina Toskana eskualdeko agintariak tematuak ziren Italiako erraustegi berrien ikurtzat ezarria zutena aurrera ateratzen. Joan den astean Erromako epaileek azken ipurdikoa eman arte. Hedabide italiarretan zalaparta eragin du albisteak... Stop all'inceneritore di Firenze @tuttogreenLST https://t.co/XUwaX8LvVu — InfoAmb (@InfoAmb) May 25, 2018 Firenze, il Consiglio di Stato "L'inceneritore non va fatto" Sconfessata la politica del Pd https://t.co/6nUP9Htx1E via @fattoquotidiano — Lady Rosmarino (@ladyrosmarino) May 25, 2018 #Firenze #inceneritore Ha vinto LA GENTE e il buon senso!@qn_lanazione pic.twitter.com/auDuELepXj — lavoro-solidarieta` (@AssociazioneLS) May 25, 2018 ... eta horrek sortutako poza adierazi dute hainbat eragilek. Tartean, Italia osoan igurumenaren eta osasunaren arteko loturak ikertu eta kutsadura salatzen duen Medicina Democratica mediku elkarteak: IL NO ALL'INCENERITORE DI FIRENZE E' DEFINITIVO, UN'OTTIMA NOTIZIA - Medicina Democratica https://t.co/hOqrHzrQkp — Massimo Fabbrini (@divoram) May 27, 2018 Erraustegi horren kontrako borroketan azken urteotan protagonismo berezia eduki dute Mamme No Inceneritore elkarteko andreek. Bruciare i rifiuti è antieconomico e pericoloso. Se anche il Tar boccia l' #inceneritore di #Firenze https://t.co/VRQHQYSmzm L'opinione di Miriam Amato, consigliera comunale a Firenze di @potere_alpopolo @perunaltracitta , @controradio , @AssXlaPiana , @MammeNoInc , @valibona44 pic.twitter.com/WChe49EcPy — Left (@LeftAvvenimenti) May 24, 2018 Facebookeko beren orritik Mamme No Inceneritoreko emakumeek mezu itxaropentsua zabaldu dute: "Honekin guretzako berresten da borrokak merezi duela eta jendea gabe ez dela ezer erabaki behar. Eta orain, aurrera alternatibarekin!". Festa galanta burutu zuten maiatzaren 25ean hiriko Piazza della Signoria mitikoan: Firenze 25.5.2018 Piazza Signoria "l'inceneritore unvisefattofare" https://t.co/5udOyBkTFl — roberta mazzoni (@RobiMazzoni) May 27, 2018   Aldiz, erraustegia egin behar zuen QThermo konpainiak ere iragarri du bere asmoa: " Kalte-ordainak eskatuko ditugu ". Ia dena (epaile txukunekin topo egitea ezik) egiten zaie ezaguna Gipuzkoako jendeei.
news
argia-443d212b3012
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/espainiako-estatua-ikertuko-dute-europan-adierazpen-askatasunaren-aurkako-auziengatik.html
Espainiako Estatua ikertuko dute Europan, adierazpen askatasunaren aurkako auziengatik
ARGIA
2018-05-25 00:00:00
Espainiako Estatua ikertuko dute Europan, adierazpen askatasunaren aurkako auziengatik Europako Batzordeak eta Europako Parlamentuko Askatasun Zibil, Justizia eta Barne-arazoen (LIBE) batzordeak egingo dute ikerketa. Adierazpen askatasunaren aldeko No Callarem kolektiboak Europako Batzordeari helarazitako eskarian, Espainiako Estatuak egiten dituen adierazpen askatasunaren urraketa etengabeak aztertzeko beharra adierazi zuten. Espainiako Estatua Europako Batzordearen ikerketapean jarriko dutela erantzun du ostegunean Batzordeak. Lehen kolpean kolektiboaren eskaria atzera bota bazuten ere, zenbait eurodiputatuk egindako presioaren bitartez, No Callarem-en eskariak aurrera egin du, Europako Batzordea Espainiako Estatua ikertzera bultzatuz. Europako Batzordearen erantzuna Valtonyc rap-kantariaren erbesteratzearekin batera heldu da. Gazte kataluniarrak ostegunean zeukan espetxera borondatez sartzeko azken eguna, hiru urte eta erdiko kartzela zigorra jarri zioten abestietan "terrorismoa goratzeagatik" eta  "Espainiako Errege-etxea iraintzeagatik". Valtonyc-en kasua da No Callarem kolektiboak Europako Batzordeari helarazitako eskarian azaltzen den kasuetako bat.
news
argia-89b62cfce1aa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/katelin-al-lann-korrikak-liluraturiko-bretoia.html
"Bretoiera ikasiz falta zitzaidan kate-begia errekuperatu dut"
Jenofa Berhokoirigoin
2018-06-03 00:00:00
"Bretoiera ikasiz falta zitzaidan kate-begia errekuperatu dut" "Euskal Herrian pasatako momentuek azkarki markatu dute. Bere izaeran arrastoak uzteraino: bretoiera ikasteko prozesuaren abiapuntua behin euskaldun batek luzatu galdera batean kokatzen du. Azken hamar urte hauetan Bretainian zehar burutzen dabiltzan Korrikaren sortzailea dugu. Redadeg izena jarri diote ekimenari, hots, korrika bretoieraz. Norberaz, hizkuntzaz eta hizkuntzaren aldeko borrokaz hitz egin digu". Nola agertu zitzaizun birjabetze horren nahia? Euskal Herritik pasaz! Bretoi identitatearen eta bretoieraren arteko lotura zuek didazue eginarazi. Beti nenbilen neure bretoi izaera aldarrikatzen eta besterik gabe, ondoko galdera pausatu zidan euskaldun batek: "bretoiera mintzo duzu, beraz?". Ez erantzunak inarrosi ninduen, beste galdera anitz ondorioztatu zizkidan eta horrela bideratu nintzen berriz bretoierarantz. Hizkuntza gabe, herriarekilako harremana ez zitzaidan naturala iduritzen. Hori horrela, bretoiera ikasten hasi nintzen. Barrenetik sentitu dudan lotura bat dut bretoierarekin eta aldi berean, berriz,  ikasiriko hizkuntza dut, paradoxa bat da nonbait, baina... bretoiera ikasiz falta zitzaidan kate-begia errekuperatu dut. Bretoierarik gabe ez genuke Bretainiarik? Zerbait falta genuke, pobretuko litzateke gure identitatea. Bretoiera jakin gabe  bretoi gisa  definitzen diren anitz herritar ditugu, baina uste dut haien buruari egindako gezur bat errepikatzen dabiltzala. Ezer ulertu gabe norberak bere hizkuntza kantatzea ikaragarria da! Ene gustuko, itxurarik ez du bretoiera jakin gabe bere burua bretoitzat jotzeak, eskizofrenia puntu bat du. Badakit gogorra eta mingarria dela hori entzutea; ni ere egoera horretan egon naiz. Egun batez egoerak interpelatzen gaitu, orduan gertatzen da aldaketa eta hor hasten da aldaketaren eta birjabetzearen bide luze eta astuna. Denek ez dute egiten, hori horrela da, ez diet lehen harria botatzen, baina denek egin dezakete, hautu bat dugu oinarrian. Prozesu pertsonala izateaz gain, kolektiboa ere duzu. Bai bere alde politikoa ere badu, noski. Hizkuntzaren birjabetzea aldarrikatzen nabil, manifestazio eta ekintzen bidez. Frantziak daraman politika ez da ez onargarria, ez jasangarria. Umeak diwanetan eskolatu ditut. David eta Goliaten borrokaren gisakoa da gurea. Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin Zer ekartzen dizu borroka honek? Munduaren parean, koherentzia ekartzen dit. Hizkuntza baten alde militatzea ekologiaren alde militatzea bezalakoa da, munduan dagoen aniztasunak nau interesatzen. Zer ekartzen dio munduari? Aberastasuna, aniztasuna... Zu zaitugu Bretainiako Korrikaren sortzaileetako bat. Aspaldian eta usu gabiltza Euskal Herrian lagun batzuk, senarra eta ni neu. Behin Korrikan parte hartu genuen, sekulakoa izan zen! Bretainian egin nahi genuen baina ezinezkoa zela pentsatuz, ideia baztertzen genuen. 2008. urtean ospatu genituen diwan eskolen 30 urteak.  Horren kari, 30 egitasmo burutu genituen, orduan genuen Korrikaren ideia bultzatu, Redadeg deitua. Ez zen erraza izan, askok ez zuten ezagutzen, batzuek ezagutu bai baina ez zuten  egingarri ikusten… baina hasi eta egin genuen! Funtzionatzen du asmatu duzuen antolaketak, ikaragarria da Korrika! Plazerrari garrantzia handia ematen diozue. Mespretxuaren parean kontrapisua izateko gisan. Bestalde, pisua izan daitekeen guduari lotu ohi dugu gure hizkuntzaren defentsa, alta, ez da hori bakarrik: poesia, sorkuntza, lagunen arteko solasaldiak, hori guztia ere bada bretoiera. Bretoieraren koloreak duzue aurtengo gaia. Gehiegitan entzuten dugu "ez dugu bretoiera bera mintzo, hitz egin dezagun frantsesez". Elkar ulertzeko frantsesa ezinbestekoa dugula barneratu ziguten, gehienbat eskoletan. Adineko batzuekin bretoieraz mintzo, "nongoa zara?" galderari erantzun, "ez da bretoiera bera" ihardoki eta frantsesari lotzen dira! Horregatik gabiltza ohartarazten bretoiera ezberdin guzti horiek aberastasun bat dakartela. Gaur egun frantsesaren influentzia ere sentitzen dugu, tonu bakarrean hitz egin ohi dugu. Uste dut ezingo dugula hori geldiarazi, baina behintzat balioa eman  behar diogu bretoierak duen azentu tonikoari. Mezu hau luzatu dugu, baina bada zer egina oraindik. Zehazki zertan da bretoieraren egoera? %5 ala %8 izan behar gara, frantses ozeano zabal baten erdian galdurik. Biziki konplikatua dugu egoera. Baina geroz eta gehiago gara bretoiera hitz egiteaz harro; horrek digu esperantza ematen. Bretoiera ikasten duten helduen kopurua emendatuz doala ikustea ere baikorra da. Umeak diwanetan ezartzea ongi da, baina askok haien umeen esku uzten dute bretoiera salbatzeko betebeharra. Arazo bat ere bada hau, eskolan bretoieraz eta, etxeratu eta frantsesa ukatea ez da koherentea.  Egun 4.300 ume dira diwanetan, umeen %0,5. Eskola elebidunetan gehiago dira, baina hauetarik ateratzerakoan ez dira denak elebidun oso, anitz dira bretoiera hartzaile. Egoera latza da, baina itxaropentsua. Ez dugu esperantza galtzen, segituko dugu bretoieraren alde. Baina ez da sekreturik: hitz egitea, hitz egitea eta hitz egitea, hori dugu gure hizkuntza salbatzeko giltza.
news
argia-5a8c70cf27dd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/gaur-egungo-ars-amandi-a-txortan-egitea-alegia.html
Gaur egungo "ars amandi"-a: txortan egitea, alegia
Ana Mendia
2018-05-31 00:00:00
Gaur egungo "ars amandi"-a: txortan egitea, alegia Lagun batek esan dit hobe dudala beste zerbaiten inguruan hausnartzea. Hobe dudala originala izan eta behingoagatik gauza politen inguruan idaztea. Akaso arrazoi du lagunak. Zinez diot saiatu naizela gomendioari jarraitzen; ezin, ordea, tentazioari eutsi. Sentitzen dut, beraz, baina barruko amorrua askatzeko baino ez bada ere, orain hilabete batzuk kontsultan gertatutakoa kontatu beste erremediorik ez dut. Mahaiaren beste aldean topatu nuen hamasei urteko neska urduritasuna azazkalak janez uxatu nahian. Ea zergatik zetorren galdetu eta ia arnasik hartu gabe bota zuen dena segidan: "Mutil-lagunarekin txortan egiten saiatu naiz behin baino gehiagotan, baina ez zait sartzen. Mutilak ja, ja egin nahi duela esan dit eta nik ez dakit zergatik ezin dudan. Jakin nahi dut dena normala dudan edo". Ezin asmatu nondik hasi. Ezin asmatu parean nituen esku urdurien eskaria irudi bezain agerikoa zen edo ez ote zen sexu-harreman koitalak izateko ezarpen sozialaren adibide; norbere gorputzaren normaltasuna zalantzan jartzerainoko zamaren adibide. Sutu egiten naiz, segituan. Sutu egiten naiz koba ilun miragarri batez gain, emakumeok harreman afektibo-sexualetan plazer iturri den beste ezer ez dugula hitz-erdika esaten den bakoitzean. Edo sexua ezinbestean beste batek ase beharreko premia den aitzakian edonolako gehiegikeriak justifikatzen direnean. Sutu egiten naiz harreman heterosexualen arrakasta gizonaren eiakulazioari erreparatuta neurtzen den bakoitzean. Edo arrakasta eza bikotearen trakeskeriari egozten zaionean. Benetan kezkagarria da harreman heterosexual asegarria koitoaren pareko dela sinestea. Beharbada Freud-engana joan beharko genuke kontu eske; berak esan baitzuen klitoriaren estimulazio bidez lortzen den orgasmoa heldugabea dela baginaren estimulazio bidez lortzen denaren pare (lortzen bada, behintzat). Eta hala, zentzugabeko dikotomia faltsu horretan, klitoria haur-jolasetako garaiari lotutako bigarren mailako organo gisa bazterrarazi dute zenbaitek. Horregatik egin behar dugu larrutan, pelikuletan bezala, ahal bezain pronto; heldutasunaren ikurrina lagunei harro-harro erakusteko. Beldur naiz ustezko sexu esplizituaren mende honetan zentsura gehiegi ez ote dagoen inplizitu. Nire irudipena izango da, agian, ez dakit; baina, batzuetan, haragi biluzia erakustearen babesean egiazkotasuna ezkutuan geratzen den susmoa dut. Eskerrak, hala ere, baden gehiegi sutzen naizenean gogora ekartzen dudan lankide baten kontakizuna; hirurogeita hamar urte pasatxo zituen bikote bati harreman sexualik ote zuten galdetu eta bataren ezezkoari besteak hauxe erantzun zionekoa: "Harremanik ez dugula? Ez al dizkiogu ba elkarri mimoak ematen?".
news
argia-6d200085b3bf
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/baliabide-urriak.html
Baliabide urriak
Edu Zelaieta Anta
2018-06-03 00:00:00
Baliabide urriak Administrazio publikoan lanean ari diren hainbat laguni antzeko komentarioa aditu izan diet azkenaldi honetan: "Gure zerbitzuak gainezka daude". Pentsatzekoa da egoera ez dela bera erakunde edota arlo guztietan; nolanahi ere, joera orokor samarra dirudi eta, krisiak utzitako orbain itxi gabeak tarteko, lanez lepo aritzea ohiko errealitate bihurtu zaie hainbat langile publikori. Gainera, kasu frankotan, langile horiek bitartekoak dira, interinoak. Sindikatuen lelo ezagunak prekarietatea salatzen duen bitartean, langileon kulturak bestelako iruditegi batzuk sortzen ditu maiz. Hartara, etsipena eta onarpena uztartzen dituzten esapideak geure egin ditugu, eta elkarri errepikatzen dizkiogu ia kontrol sozialaren izenean: "Hauxe besterik ez dago", "saiatu ahal duzuna egiten", "ez kexatzea hobe", "zertarako egin greba?", "ez duzu ezertxo ere lortuko", eta abar. Neu ere mantra horien lozorroan nengoela, gizarte langile baten gogoetak ernatu ninduen kolpetik: "Ez dugu lan handiegirik, giza baliabide urriak baizik". Izan ere, administrazio publikoak jendarte horri dagozkion lanak egin behar ditu berez. Arazoa, ohi bezala, politikan dago: ikuspegian eta kudeaketan.
news
argia-7b3d4a01b7d4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/denok-elkarrekin.html
Denok elkarrekin
Nerea Ibarzabal
2018-06-03 00:00:00
Denok elkarrekin Autoan harrapatu nau ekaitzak, eta horrek trakestu egin du irratiko konexioa; tunel, putzu eta zarata artean – kshjsxkksh – sartu da bozgorailuetatik All together now kantua, The Farm taldearena, ez Beatlesena. Joseina Etxeberriak kontatu duenez, bakearen aldeko aldarri bat izan omen zen bere garaian kantu hau –agian batzuentzat gauza oso jakina izango da, baina gu jaio eta urtebetera konposatu zen, barkatuko didazue–. 90. hamarkadako mundu mailako tentsio politikoaren erdian, I. Mundu Gerrako pasarte bat ekartzen du letrak gogora: 1914ko abenduaren 24an, Belgikako lurretan, soldadu alemaniarrek ordu batzuetarako armak utzi eta gabon gaua ospatzea erabaki omen zuten. Frantziar eta britainiarrentzat eraso egiteko une estrategikoa izan zitekeen arren, gauza bera egin zuten hauek ere: deskantsu hartu. Tirorik gabeko gau hura ezkutalekuak utzi eta kideen gorpuei lur emateko baliatu zuten soldaduek, eta euren herrietako gabon-kantak kantatu omen zituzten aurkariarekin batera. Su-etenaren gau hari buruzko froga gutxi batzuk daude bakarrik, gerrako goi karguek honen berri ematen zuten argazki eta gutunak suntsitu zituztela esaten baita. Goitik behera datozen batasun proposamenak ez dira zapalkuntza metodo bat besterik Istorio ederra denik ezin ukatu. Ziur badela erreprodukzio zerrenda bat Spotify-n denok elkartuta edozein arazori aurre egin diezaiokegula sinesten dugun minutu horietarako. Imagine all the people living life in peace , uh uh… gustatzen zaizkit, eta gaizki sentiarazten naute aldi berean, ez dakit zuri gertatzen ote zaizun. Norbaitek batasunaren kontzeptua zikindu didala ohartzen naiz horrelakoetan, ezin dudala hitz hori entzun mesfidantzarik barik, zaratarik barik. Kshjsxkksh. Izango da agian ekaitzak harrapatu nauen egunean bertan entzun dudala norbait esaten bakarrik espainiarrak ikusten dituela bere ingurura begiratzerakoan –eta irudikatu dut 3D zinemako antiojo batzuekin soinean, baina kristal hori eta gorriekin–. Desberdintasunik ez omen du ikusten, ezta desorekarik ere. Denok elkarrekin "zentrorantz". Gero badira desberdintasun horiek ikusi bai, baina postal polit batean kabiarazi nahi dituztenak lehengo marko zaharra krakatu gabe. Nire hizkuntza, Kanarietako patatentzako saltsa eta Madrilgo dantza tipikoa, esaterako. Denok elkarrekin ahal dugu. Eta horrela, eskala ezberdinetan, ehunka ustezko ongile eta limurtzaile –"horrela abertzaleak banatzen dituzue", "horrela ezkerra banatzen duzue", "horrela feminismoa ahultzen duzue"– zeintzuen erruz Batasuna entzun eta uztarri bat edo alper-harri bat datozkidan burura, eta ez luke hala behar. Baina goitik behera datozen batasun proposamenak ez dira zapalkuntza metodo bat besterik. Itzuli iezadazue batasunaren esanahia, oinarrien artekoa eta borondatezkoa zen hura. Itzuli, edo utzi birsortzen bestela.
news
argia-8334c109aa15
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/irunea-alternatiben-herria.html
Bai Margaret, posible da
Xabier Letona
2018-06-03 00:00:00
Bai Margaret, posible da Klimaren hondamendia, hori da seguruenik gaur egungo krisi globalaren ondorio ikusgarriena. Donald Trumpen etorrerak brintzak sortu dituen arren, horren inguruko kontsentsua handia da: gure planetak sendabideak behar ditu. Euskal Herrian Baionan egin zen asmo horren aldeko lehen ekimen sozial masiboa 2013an: Alternatiben Herria. Bilbon errepikatu zen esperientzia 2015ean eta datorren ekainaren 2an Nafarroaren txanda izango da, Iruñean. Urrian, Bizi!-ren eskutik, Iparraldean errepikatuko da esperientzia. Alternatiben Herrian bizi direnentzat, ostera, klimaren hondamendia sintoma bat besterik ez da, eta horren kontra egin behar da, baina garrantzitsuena egoera hori ekarri duena da: sistema kapitalista. Herri honetako herritarrek dagoeneko argi dute ez dela nahiko kapitalismoaren aurka egitea, gero eta sustraituago dute apurka alternatibak eraiki behar direla. Horretan datza Alternatiben Herriaren eguna: alternatibak nahi eta buruan dituzten guztiek euren esperientziak eta ideiak erakutsi eta elkar trukatzean. Ikasi, hausnartu, ahalmendu, saretu eta gozatu. Horra egunaren klabe nagusiak. Trantsizio hotsak Feudalismotik kapitalismoraino bidaia ia bi mendekoa izan zen. Autore batzuentzat, Paul Mason kazetari britainiarra esaterako, poskapitalismoan gaude jada eta egungo sistemaren zutoinak arrakalaz beteak dira. Bere esanetan, trantsizioa hasia da. Batek daki, baina ekainaren 2an Iruñean bilduko direnak ez dira trantsizio horren emaitzen zain geratuko, trantsizioa gaurdanik ari dira lantzen gizarteko alor guztietan. 1999an AEBetako Seatlen globalizazio kapitalistaren aurka hasitako protestak, 2001ean loratu ziren Brasilen: Porto Alegrek "Beste mundu bat posible da" egin zion oihu neoliberalismoari. XXI. mende hasierako metxa hark piztuta jarraitzen du Euskal Herriko herri mugimenduaren abaraskan, gero eta anitzago, gero eta sakonago, gero eta eraldatzaileago. "There is not alternative" (ez dago alternatibarik") barreiatu zuen Margaret Thatcher mandatari neoliberal britainiarrak lau haizetara. "Bai, bada, beste mundu bat posible da eta baditugu alternatibak", erantzun diote Iruñerritik 50 herri mugimendu, elkarte, enpresa eta sindikatuk. Baionako 2013ko saioa ELAren Fundazio Manu Robles-Arangiz Institutuari lotutako Bizi! mugimenduak antolatu zuen. Bilbokoa eta Iruñeko Alternatiben Herria, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bideratu ditu. Sei auzo, herri berri baterako. Eguna Iruñeko Alde Zaharrean ospatuko bada ere, alternatiben esparruak Nafarroa osoa erakutsi nahi du. Baina ez da erraza, Iruñerrian bizi da lurraldearen erdia baino gehiago eta hori agerian da herri mugimenduen baitan ere. Sei auzo tematikotan banatzen dute beren jarduera Alternatiben Herrian: Arragoa (kultura, hizkuntza…); AuzoEKOnomia; Bizi anitzak eta duinak; Burujabetza; Haurren Errepublika; eta, Herriak eta Lurra. Azken auzo honetakoa da, esaterako, Euskal Herriko lehen udal komertzializatzaile elektrikoa eratu duen subjektua: Izabako udala. Pirinioetan txango txiki bat eman besterik ez dago ikusteko zenbat zentral hidroelektriko dagoen, baina gehienak enpresa handien esku daude. Nafarroan, zentral horietako hiru daude udalen eskuetan, bat Izabakoa da. Herri honek 60ko hamarkadatik kontrolatzen du indar elektrikoaren produkzioa, gero banaketa ere bereganatu zuen eta duela gutxi merkaturatzea ere bere esku hartu du, Ezka Ibaia Energia SL enpresa publikoa medio. Urrats eredugarria, kontuan hartuta azken hamarkadetan udalek oinarrizko zerbitzu ugari pribatizatu dituztela. Orain, oztopo handien artean bada ere, udal gutxi batzuk berriz hasi dira publiko egiten zerbitzu horietako hainbat. Ari gara Energia Gara eta Goiener dira argi indarraren esparruan azken urteetan sortu diren esparru kooperatibo indartsuenak. Ekonomia sozial eraldatzaileak zulatu gabe zuen telefoniaren eremuan ere ernetu da alternatiba: Izarkom. 2014an, halaber, Lasotan Iniziatiba Sozialeko kooperatiba sortu zen, hezkuntzaren munduan elkarbizitzaren laborategia eratzeko helburuarekin. Euskoa tokiko moneta ere bere bidea finkatzen ari da Ipar Euskal Herrian, eta dagoeneko 3.000 pertsona edo entitatek erabiltzen dute diru gisa: aberastasun hori multzo horren baitan kudeatzen dute, haien arteko eragiketak ordaintzeko, eta euskoak ez doaz beste inoren patrikara edo Europako Banku Zentralera, honek, adibidez, bankuei %0ko interesean eman diezaien eta hauek guri %8an. Inork ez du Euskoarekin espekulatzeko asmorik, aberasteko xederik. Beste adibide bat? Itsulapikoa, euskal crowfundingerako plataforma gazteak ere bere bidearekin jarraitzen du. Kontsumo taldeak ere hor dira, eta bertako produktoreak –gertukoak eta ekologikoak– (EHKOlektiboan adibidez), Piparrika moduko herri baratzeak, Guneko Oilategia, Bilgune feminista, Kattalingorri, Mendillorriko Antzara auzo elkartea, Emausko Trapuketarien Hemen Konpon ekimena, OlatuKoop, Koop57… Oilategi bizi honetan, dozenaka dira han-hemenka bestelako arrautzak errun dituztenak, eta beste ugari sortu berri edota herritarren asmoetan dira. Kolpez kolpe azaleratuta, sexu erasoen izeberga gero eta ageriago dago emakume antolatuen eskutik; Martxoaren 8ak zirrara berezia eragin zuen Alternatibaren Herriko herritarren bizkar-hezurrean. Eta antzeko sentipena ainguratzen da gure barrenean dozenaka mila pentsiodunek herri honetako plaza eta etorbideak hartzen dituztenean. Gizartearen periferian ei ziren gehiengo handiak erdigunera datoz berau hartzeko asmoz. Chrysallis elkarteak egindako lanari esker, herritarrak hobeto ezagutzen du haur transexualen latza. LGTBI mugimenduak inoiz ez bezalako ikusgarritasuna lortu du Nafarroan eta bapo arduratzen da ondo erakusteaz… Richter eskala sozialean indar desberdineko lurrikarak dira, baina behin eta berriz ari dira astintzen egungo status quoaren zutoinak.   Horiek eta beste hamaika esparru ere jorratuko dira Iruñeko Alternatiben herrian. Irauli nahi dute egungo egoera. Iraultza? Izan liteke, baina honek ez du zerikusirik duela mende bateko sobieten erreboltarekin. Sasoi bakoitzak berea du eta egungoa ez da langilerian oinarritzen, ehunka borroka eta aliantzetan baino. Horrek, baina, baditu bere arazoak: nola demontre eraikitzen da alternatiba orokor eta zehatza bakoitza bereari begira bada, eta bakoitzarentzat bere borroka bada garrantzitsuena? Egon daitezke erantzun asko, baina bat Marina Garcés filosofo kataluniarrak utzi berri digu apirileko LARRUNeko tituluan: "Borroka konkretu bakoitzean guztia dago jokoan". Gizateriaren handitasuna Katakrak 2013ko hondarrean Iruñeko Kale Nagusiak irekitako liburutegia ederra da. Eta hori baino askoz gehiago ere bai, besteak beste, Iruñeko lurrikara honen epizentroa. Handik ari da Maitane Unzu gaztea koordinazio lanetan azken bederatzi hilabeteetan, sei auzoen batzarra koordinatu eta amaraun konplexu hau ehuntzen. 30.000-40.000 euroko aurrekontua dute Alternatiben Herria eraiki eta kapitalismoari kilimak egiteko. Koop57-ko finantza kooperatibaren mailegua dute horretarako, Itsulapikoko diru bilketa eta era guztietako ekarpen eta salmentak ere bai. Eta hala ere, neoliberalismoaren urrats gupidagabe eta tinkoen aurrean, egongo da pentsatzen duenik, arrazoi osoz gainera, ea kilima hauek guztiek zertarako balioko duten. Alternatiben Herriaren hitzaldi, mahai-inguru eta eztabaidetan izango da erantzun ugari galdera horretarako, zalantzarik gabe. Horietako bat izan daiteke alternatibarekin amesten zuen Hannah Arentd XX. mendeko filosofo handienetakoak utzitakoa: "Duintasunarekin, konstantziarekin eta ausardia apur batekin, mendeetan barrena horiexekin eraiki da gizateriaren handitasuna". Lotura honetan, halaber, Alternatiben Herriaren orain arteko balorazio egin digu Amaia Zufia Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ko ordezkariak. (Ondorengo irudietan ikusi ahal dira Iruñeko Alde Zaharrean zer non egongo den ekainaren 2an) Hau programaaren laburpen bat da eta lotura honetan programa osoa duzu.
news
argia-e07bfeb07435
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/arizmendiarrietatik-fagor-eta-eroskira.html
Arizmendiarrietatik Fagor eta Eroskira
Juan Mari Arregi
2018-06-03 00:00:00
Arizmendiarrietatik Fagor eta Eroskira Herritarrek aukera izan dute dokumental baten bidez Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza eta lana ezagutzeko: Arizmendiarrieta, gizon kooperatiboa. 1941etik aurrera euskal kooperatibagintzaren barruan hasi zuen esperientzia berriaren sortzaile eta bultzagile izan zen Markinako apaiza, gazte katoliko batzuen eskutik, Mondragón Corporación Cooperativa izenez ezagutzen dugunaren bidez. Egun, Euskal Herriko eta Europako enpresa talde garrantzitsuenetakoa dugu. Bere enpresa ezagunenak dira Eroski, Laboral Kutxa eta Fagor. Bokazio kooperatibo eta komunitarioak, Arizmendiarrieta mesias-a eraman zuen orduan zegoen enpresa-sistemaren ikuskera kapitalista gaindituko zuten proiektuak sortzera. Lehen urteetan bide hori segi zuten. Ez dakigu ordea zer esango lukeen gaur gizon kooperatiboak azken urteetan Eroskirekin eta Fagor Etxetresna Elektrikoekin gertatutakoa ikusiko balu. Enpresok, munduan hedatu eta lehiatu ahal izateko, borondatezko ekarpenak izenpetu behar izan zituzten oso interes altuekin, eta hainbat urteren ondoren, ezin izan zieten betebeharrei aurre egin. Fagorrek hondoa jo zuen, eta milaka aurreztaile txiki eta langile euren dirua berreskuratu ezinik geratu ziren. Eroski oso zorpetuta dago eta bere aurreztaile txikiek ere arazoak dituzte. Enpresa kapitalisten lehiakortasunaren eta globalizazio ekonomikoaren aurrean, kooperatibagintza eredu horrek huts egin al du? Bere kudeatzaileen akatsa eta porrota izan da ala sistema osoarena? Gizon kooperatiboak nola azalduko luke? Oniritzia emango al lieke Fagor eta Eroski porrotera eta zorpetze izugarrira eraman zituen operazioei? Galdera horiek ez dira erantzuteko errazak, testuinguruak ezberdinak direlako. Baina badago erantzukizun larri bat.
news
argia-430f99583aaa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/akordioak-eta-urardotzea.html
Akordioak eta urardotzea
Estitxu Garai Artetxe
2018-06-03 00:00:00
Akordioak eta urardotzea Hona behin eta berriro entzuten dugun mantra: "Politika akordioetara iristea da". Nire uste apalean, kalte izugarria egiten du. Izatekotan, honako honetan bihurtu da politika: printzipioen salerosketarako azoka. Hauteskunde-programak erretzeko paperaren parekoak dira jada; pare bat bileretako zupadetan desagertzen dira: "A-rekin akordioa erdiesteko gure proposamen batzuk alde batera utzi behar izan ditugu…". Nork gehiago emango, nork gehiago urardotu agindutakoa akordioaren aitzakian. Politika adostasunak bilatzea ere bada, baina ez edonola. Akordioak onak izan daitezke, edo politikaren erabateko antitesia eta balioen ukatzea. Politika herritarrei proposamen bat egitea da, norabide bat ezartzea, eta botere publikoetatik herria norabide horretan eramaten ahalegintzea. Helburuei lotutako jardun ideologikoa da. Akordioetara iristea kontu positibo gisa saltzen digute beti, baita zure idearioaren beste muturrean dagoenarekin bada ere. Alabaina, alderdien interesak eta bozka eman dieten herritarren interesak ez datoz beti bat. Akordioen oinarria ez da izaten programatikoa edo helburu jakin batzuen mendekoa. Xedea agintea eskuratzea edo mantentzea da. Gauzak horrela, urardotzaileetan urardotzaileena aterako da garaile. Margaret Thatcherek honakoa zioen: "Kontsentsua sineste, printzipio, balio eta politika guztiak alde batera uztea da. Alegia, inork ez du horretan sinesten eta inork ez dio trabarik jartzen". EAJri aitortu behar zaio saltzeko oso zaila dena salgarri egiteko eta, batik bat, komunikatzeko abilezia.  Jakin baitakite Espainiako 78ko erregimenaren hedabideek –baita 78 aurrekoek ere– ez diotela egur berezirik emango Espainiako errailean doan artean, akordioak PSOE eta PPrekin egiten dituen artean. Esango nuke, ordea, gero eta zailago egiten zaiola posizio horri eustea Legegintzaldi honetan EAJ eta PSE-EEren arteko akordioa batetik, eta, batez ere EAJ eta PPren artekoak izan dira hautsak gehien harrotu dituztenak. Baina kontua sinplea da, PPk EAJ behar du aurrekontuak aurrera ateratzeko, baina baita EAJk PP ere Eusko Jaurlaritzan. Erabaki hori aspaldi hartuta dago. Hortik aurrerakoa makillajea eta itxurakeria da. Nola azaldu boto-emaileei printzipioz norbere balio eta interesen aurkakoa den hori babestea? Izanaren eta portaeraren arteko disonantzia hori nola justifikatu? Zer izan daiteke salgarria? Orain kupoa, orain inbertsioak, orain zerga-erreforma, orain pentsioak. Azken-azken unera arte negoziazioan dagoena salgarritasun hori da. Zer eman elkarri bere publikoari azalpenak emateko? Zergatik ez da esaten elkar behar dutela eta listo? Hori baita abiapuntua. Nik zu. Zuk ni. EAJri aitortu behar zaio saltzeko oso zaila dena salgarri egiteko eta, batik bat, komunikatzeko abilezia. Euskal agenda eta euskal adenda . Jeltzaleentzat oso posizio erosoa izan da orain arte. Jakin baitakite Espainiako 78ko erregimenaren hedabideek –baita 78 aurrekoek ere– ez diotela egur berezirik emango Espainiako errailean doan artean, akordioak PSOE eta PPrekin egiten dituen artean. Esango nuke, ordea, gero eta zailago egiten zaiola posizio horri eustea. Batetik, Espainiako Estatuan badelako alderdiek akordio –baita eskubide– guztien gainetik defendatuko duten zerbait: Espainiaren batasuna. Horretan ez dago negoziaziorako aukerarik. EAJrentzat ia ezinezkoa da dagoeneko PPri ematen dion babesa justifikatzea. Erraietara arte ustelduta egoteaz gain, Espainia autoritario eta gupidagabearen ordezkaria da eta Katalunian egiten ari direnak ez du izenik. Nire irudiko, akordioa zuritzeko asmotan pentsioen kontua baliatzea agerikoegi geratu da eta euskal jendartearen sektore zabal bat trikimailuaz jabetu da. Agian boto-emaileak horrelako gauzez konturatzen hasi gara, edo agian ez. Edo egia izango da Winston Churchillek zioen hura, hau da, herri bakoitzak merezi dituen agintariak dituela.
news
argia-9d8cd7e6ef2d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/txina-munduko-soroak-erosten-ari-da-janari-ekoizle-handiena-izateko.html
Txina munduko soroak erosten ari da janari ekoizle handiena izateko
Pello Zubiria Kamino
2018-06-03 00:00:00
Txina munduko soroak erosten ari da janari ekoizle handiena izateko Txinako korporazio publiko eta pribatuek gaur egun mundu osoko hamar milioi hektarea lur lantzen dituzte. Indonesiatik Ukraina edo Frantzian barrena Boliviaraino, Txinak 2010etik 2016ra arte bostez biderkatu ditu atzerriko soro eta oihanetako inbertsioak. Pekingo gobernuaren ildo estrategiko nagusietakoa dira, bai munduko herrialde handieneko biztanlegoaren elikadura bermatzeko eta bai planetako janari ekoizle nagusi bihurtzeko datozen urteetan. Nekazaritza edota elikadura burujabetza interesatzen bazaizu, edo besterik gabe ulertu nahian bazabiltz zergatik desagertu diren gure plateretatik duela 40 urte ia eguneroko otordua ziren babarrunak horien ordez eguneroko ogia bihurtuta orduan ezagutzen ez genituen pizzak... ondo egingo duzu tarteka bisitatuz Farmlandgrab webgunea. " Farmlandgrab [Baserri lurren lapurreta]: Munduko baserri lurrak harrapatzeko eromenaz eta honi aurre egiteko herriek daramatzaten borrokez". Planeta osoan kapital handiak burutzen ari diren lur lapurretaz prentsan plazaratutako albiste funtsezkoak biltzen ditu Farmlandgrab -ek, gaiotan erreferentzia den GRAIN elkarteak sustaturik. Berrikitan argitaratu du maiatzeko lehen astean Txinako Nekazaritza Ministerioak antolatutako bilkura garrantzitsu baten laburpena: " Txina zehazten ari da laborantzarako ' Go global ' ['Mundializatu zaitez'] programa ". Jardunaldian Nekazaritza Ministerioan nazioarteko elkarlanaz okupatzen diren goi funtzionarioek aztertu zituzten Txinan bertan bezala munduan alor honetan sortu diren aldaketa eta aukera berriak. Atzerrian inbertitu nahi duten konpainiei laguntzeko agindu zehatzak jaso zituzten Pekingo lider nagusiengandik. Pekingo administrazioko eta alderdiko goi karguek nekazaritzako inbertsioak lagundu behar dituzte alor estrategikotzat hartuta: nekazaritza industriako negozioentzako politika landuz, nazioarteko negozio eta inbertsioetan aktiboki parte hartuz, abiadura emanez nazioarte mailako labore enpresa eta negozio taldeen sorrerari eta enpresei lagunduz tamainaz handitu eta munduan zabaltzen. Bileran Hang Xangfu ministroak funtzionarioei oroitarazi zien Xi Jinping lehendakariak berebiziko garrantzia ematen diola gaiari. Txina mundu mailako nekazaritzan eta elikadura ekoizpenean potentzia nagusi bilakatzeko estrategiaren barruan dago Bi guneak ekimena. Alde batetik, Erakusketa guneak antolatu dituzte mundu osoan, Tajikistanen, Mozambiken, Ugandan, Fijin, Laosen, Kanbodian... Hauetan Txinako konpainiek lekuko gobernu edo konpainiekin lan eremu bereziak antolatzen dituzte, merkataritza librezkoak. Bestetik, Esperimentazio guneak zabaldu dituzte Txinan bertan, oso izaera ezberdineko konpainiak elkarlanean jarri eta atzerriko proiektuetan elkarrekin murgiltzeko helburuz: granja estatalak, industria kimiko publikoak, pentsu, hazi, makineria edo arrantzakoak. Ahaleginak badu motiborik. Txinak munduko biztanleen %20 edukita, horiek asetzeko ez dauka munduko nekazaritza lurren %8 baizik. Hori gutxi balitz, kutsadurak hondatu dizkie soroen laurdena. Aditu askok ohartarazi du, bestalde, mende luzez emankorrak izan diren alorren oparotasuna murriztu egin dela txinatarrak laborantza industriala orokortzen hasi zirenetik. Horrela, derrigor atera behar mundura elikagai bila. Txinak nekazaritza alorrean atzerrian inbertitzen duena boskoiztu egin da 2010etik 2016era artean, 3.300 milioi dolar gaindituz. Klase guztietako mozkinen produkzio, transformazio eta salmentan sartu dira: oliotarako palmondoak eta kautxu-arbolak Asia Ekialdean, soja eta koltza ekoizteko etxaldeak Errusian, esne eta haragitarako behitegiak Zeelanda Berrian eta Australian, alpapatan berezitutako lurrak AEBetan eta Bulgarian... Lurra, laboreak, okela, haziak, kimikoak... Txinak atzerriko inbertsioak planifikatzeko, edozein arlotakoak direla ere, bi eremu estrategiko dauzka ezarriak. Batetik Zetaren Bidea Gerriko Ekonomikoa -k biltzen ditu Asia Iparraldeko eta Europako herrialdeak, hasi Siberiatik eta Alemaniaraino. Bestetik, Zetaren Itsas Bidea ren baitan daude Indonesiatik hasita Egiptorainokoak, Asiako Hegoaldekoak nagusiki. Biak lotuta, Txinaren harreman komertzialetan lehentasuna osatzen duten Gerrikoa eta Bidea Ekimena -ren baitan zentratzen dituzte txinatarrek nekazaritzako inbertsio nagusienak: Asian erdia, Europan %15, Ozeanian %14, Afrikan %12, Latino Amerikan %6 eta Ipar Amerikan %2. Pekingo gobernuak berak emandako kopuruok erakusten dute Afrikak nekazaritza mailan txinatarrentzako daukan garrantzia puztu egin dutela hedabide zenbaitek. 2004 eta 2012 artean txinatarren atzerriko inbertsioak batik bat laborantzako ekoizpenak eskuratzeko helburuz egin ziren: palma-olioa, azukrea, manioka, zura, arrainak eta bestelako lehengaiak. Aldiz, geroztik Txinako enpresak hasi dira Europan, Ipar Amerikan eta Ozeanian indarra daukaten korporazio agro-elikadurazkoak erosten. 2017an ChemChinak osatu zuen Txinak atzerrian egindako erosketa handiena, 43.000 milioi dolarretan bereganatuz munduko hazi eta fitosanitarioetan txapelduna den Syngenta suitzarra. Beste erosketa nabarmena 2014an burutu zuen txerri okeletan berezitutako WH Group txinatarrak AEBetako Smithfield Foods bereganatuta . Konpainia berak 2017an txerri eta oilasko haragiaren transformazioan ari diren konpainiak irentsi ditu Polonian eta Errumanian, muturra Europan erosoago sartu nahian. Baina lurraren jabetzak badu beti erakargarritasun berezi bat eta Txinak elikagaien mundu mailako salerosketan lortu nahi duen nagusitasunaren adierazgarritzat ikusi dira planetan zehar ugaritu dituen lur erosketak... betiko baserritar askok lapurretatzat bizi dituztenak, bai haiek lur horietatik bortxaz kanporatu dituztelako, bai atzerriko korporazioek lekuko eliteekin herri jabegoko lurrak pribatizatu dizkietelako. Afrikan hasi ziren – Tanzania, Senegal, Sierra Leona, Zambia...– hemen hazten den arroza, artoa, manioka edo sesamoa eramateko. Geroztik, bost kontinentetako edozein bazterretara zabaldu dira. Lehen aipatu den WH Groupek AEBetan bertan 40.000 hektarea erosi zituen. Bolivia, Kuba, Jamaika, Venezuela, Argentina ... Europan nagusiki Ekialdean inbertitzen dute txinatarrek, Errusian, Ukrainan, Bulgarian eta beste. Baina baita Mendebaldean ere. Berrikitan zalaparta pixka bat izan da Frantzian Hu Keqin milioidun txinatarra egin delako garia hazten duten 3.000 hektarea sororen jabe, bere hitzetan "ogi frantsesari Txinako merkatuak zabaltzeko". Eta jendeak oroitu dira dagoenekoz 150 ardo famatu, gehienak Bordelekoak , txinatarren eskuetan daudela. Nekazaritzaren industrializatzea bizkortuz doaz, lurren jabetzak kontzentratuz eta munduko potentzia ekonomikoak –ez txinatarrak bakarrik– biharko elikadura kontrolatzeko lehian ari dira.
news
argia-c71fc7ed8050
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/murillo-el-fruton-euskaraz.html
Murillo el Fruton euskaraz
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-06-03 00:00:00
Murillo el Fruton euskaraz Murillo el Fruto (Nafarroa), 1400 inguruan. Herriko 80 biztanlek, banan-banan, jabetzan zituzten lurren eta horiengatik ordaintzen zituzten uzta zati edo petxen berri eman zuten. Parean Gil López de Sarasa Erriberriko notarioa omen zegoen, murillotarrek esandakoa txukun-txukun jasotzen. Juan Fortuñoren emazte Romeak Legazpean sail bat zeukan eta almute bat ordaintzen zuen horregatik. Trankazarrako sailarengatik, aldiz, lau imina eta almute bat. Baratzezarrekoarengatik, lau almute eta erdi... Datuok letra gotikoz idatzita jaso ziren Pechas de Murillo el Fruto izenburuko liburuxka batean. Herriko udal artxiboan gordeta egon zen luzaroan eta duela mende bat baino gehiago Nafarroako Errege Artxibo Nagusira iritsi zen. Berriki, artxiboko teknikari Maika Munarizek dokumentua Peio J. Monteano historialariari erakutsi zion, eta edukiarekin harrituta, agiria sakon ikertzea erabaki zuten –eta herriz herri dabilen Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea erakusketan ikusgai ipintzea–. Dokumentuak ez zuen ez datarik ez sinadurarik, baina XV. mendearen hasierakoa zela eta egilea Gil López de Sarasa zela ondorioztatu zuten, garai hartan zeregin horiek Erriberriko notarioari zegozkiolako. Monteano harrituta geratu zen dokumentuan bildu zituzten euskal toponimoekin: Aitzurieta, Areatzea, Baratzealzinea, Baratzeberrieta, Baratzebideta, Baratzetako hodia, Buztina, Legazpea, Txorrota, Odia, Uarte, Erteko erregua, Uarteko hodia, Garipentzuko zaldua… Toponimo erromanikoak ere baziren tartean (Malpuent, Parral edo Tranca), gaur egun oraindik erabiltzen direnak. Euskarazko izenak ugariagoak izan arren, ia denak galdu dira. Monteano berehala Patxi Salaberri euskaltzainarekin jarri zen harremanetan eta hark, azterketa linguistiko sakona egin ondoren, emaitzak Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitaratu zituen. Toponimoez gain, murillotarren zenbait euskarazko goitizen ere jaso zituen Salaberrik: Johan Biperr (1396an herriko alkatea), María Garizu, Per Arceiz Lucea, Salvador Ederra edo García Zalduna. Historialariek eta hizkuntzalariek euskarazko toponimiarik gordetzen ez duten herrietan Erdi Aroan euskaraz egiten ez zela uste izan dute orain arte. Baina, Monteanoren hitzetan, "Murillo el Frutoko petxen liburuak XVI. mendean Nafarroako Erriberan euskara hizkuntza bizia zela frogatzen du".
news
argia-278289a0c561
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/teresa-castro-gutierrez.html
"Komikiaren helburua ez da bakarrik lesbianak ikusgarri egitea, modu positiboan ikusaraztea baizik"
Mikel Garcia Idiakez
2018-06-03 00:00:00
"Komikiaren helburua ez da bakarrik lesbianak ikusgarri egitea, modu positiboan ikusaraztea baizik" Eguneroko buruhausteei umore onez egiten die aurre Anak, L.S.B., Ana Lesbikomikia! argitalpeneko protagonistak. Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartearen aldizkarian urteak daramatza agertzen, eta liburura egin du orain jauzi. 5.000 ale atera dituzte, sexu aniztasunari buruzko tailerretan erabiltzeko eta nahi duenak liburutegietan, Gehituren egoitzan edo interneten doan eskuratzeko, besteak beste. Teresa Castro Gutiérrez komikiaren egilearekin hitz egin dugu. Nor da Ana? Asko irakurtzen dut eta faltan botatzen nuen ordezkatuta sentituaraziko ninduten istorioak irakurtzea, emakume lesbiana gisa ez nituelako halako erreferentziak aurkitzen. Eta erabaki nuen nire historia, beste askoren historia ere izan daitekeena, kontatzea. Horrela jaio zen Ana. Anak bere egunerokoa kontatzen du, batzuetan pasarte dramatikoak, baina umore handiz, hain juxtu esperientzia horiek desdramatizatzeko eta irakurtzen duten lesbianek ikusi dezaten bizitza betea eta zoriontsua izan dezaketela. Umoreak rol inportantea du, beraz. Hainbat gauzaren aurrean bizirauteko modu bakarra da, ez bakarrik komikian, baita bizitzan ere. Eguneroko eragozpenetan trabatuta geratzen bagara, ez dugu aurrera egingo. Zenbat du Anak Teresatik? Kontatzen den istorioaren arabera. Batzuk oso pertsonalak dira, eta beste batzuetan gaia da abiapuntua (adibidez, aldizkariak hiesari edo bullyingari dedikatu badio zenbakia, horri buruzko komikia egingo dut), eta gai horren inguruan izan dezakedan esperientziatik hitz egingo dut. Armairutik ateratzeko unea, maitasuna, kirola, gorputzarekiko obsesioa, erlijioa… bezalako gaiak landu ditut, eguneroko gaiak, Anaren ikuspegitik. Ana munduan bizi da eta edozein pertsonari gertatzen zaizkion gauzak gertatzen zaizkio. Zer pasatzen da? Batzuetan lesbiana izateagatik arazo gehigarriak ditugula, eta horiei umoretik eta aldarritik aurre egiten saiatzen da Ana. "Lesbianak protagonista dituzten nik aurkitutako komikiak beste gizarte batzuetan zeuden kokatuta, zaila egiten zitzaidan nire burua haiekin identifikatzea" Arazo gehigarria diozu. LGBTI eta emakume izateagatik, zama bikoitza du Anak? Bai, eta uste dut gizartea oraindik ez dela kontziente, zein arreta gutxi jartzen digun emakume gisa eta lesbiana gisa. Emakumeak bigarren mailan gaude, eta lesbianak duela gutxi arte ez ginen existitu ere egiten, emakumeen sexualitatea, hasteko, ez zelako aintzat hartzen edo bi emakumeren arteko sexualitatea bigarren mailakotzat hartzen zelako. Jorratzen dituzun gai batzuk, gainera, tabu ere izango dira batzuentzat. Emakumeen arteko sexu harremanak, adibidez. Baina horri buruz ere hitz egin daiteke eta inor ez litzateke horregatik eskandalizatu behar. Nola ulertzen duzu komiki hau: zure barrenak husteko behar bat, aldarrikapen bat, besteak laguntzeko erreminta?... Hasieran nire behar batetik jaio zen, eta gaur egun diozun guztia uztartzen duela esango nuke. Nire aktibismoaren zati garrantzitsua da eta besteei laguntzeko tresna izatea ere nahiko nuke, beste batzuk ez daitezen sentitu ni sentitu izan naizen bezain gaizki, lesbiana izateagatik. Izan ere, Ana umoretsua dela diozu, baina haurtzaroari eta nerabezaroari lotutako hainbat pasarte dramatiko aurki ditzakegu komikian. Egungo gazteek ere hala bizi dutela uste duzu? Gustatuko litzaidake esatea gauzak asko aldatu direla, baina ez dakit hainbeste aldatu diren. Gutxienez orain sexu eta genero aniztasuna existitu existitzen da, duela 35 urte ni txikia nintzenean bazirudielako ez zela halakorik existitzen, eta beste abantaila bat ere badute: gutxi-gehiago, erreferentzia positiboak dituzte, lesbianak ez gaude beti gaizto paperean edo ez ditugu zuzenean zainak mozten izugarri zoritxarrekoak garelako. Eta hori oso inportantea da, nire komikiaren helburu nagusia delako ez bakarrik lesbianak ikusgarri egitea, baita modu positiboan ikusaraztea ere. Duela hogei urte lesbianak ikusgarri egitearekin konformatuko nintzen, baina gaur egun ez, ez da aski, bestela oso mezu negatiboa transmititzen ari garelako: emakume lesbianak ez direla emakume osoak, ez dutelako harreman afektibo-sexualik gizon batekin. Eta galderara bueltatuz, aniztasun batekin bizitzea lehen baino errazagoa ote den oraingo haur eta nerabeentzat? Zalantza handiak ditut, egia esan. Adin konplikatua da, eta horregatik gustatuko litzaidake batez ere horiei iristea komikia. "Irudiari dagokionez, Anak ez ditu estereotipoak apurtzen, baina zergatik izan behar du negatiboa Anaren itxura maskulinoak? Zergatik ez aldarrikatu aukera hori?" Oraindik ere horrelako komikiak beharrezkoak baitira… Aspaldi honetan komikiek gai helduagoak jorratzen dituzte, super-heroietatik eta Zipi eta Zape estilotik bestelako lanetara egin dugu jauzi, eta emakume lesbianak ere barne hartu ditu komikigintza horrek, baina oso proportzio txikian. Lesbianak protagonista dituzten nik aurkitutako komikiak beste gizarte batzuetan zeuden kokatuta, AEBetan esaterako, edo Le bleu est une couleur chaude komikia Frantziako gizartean [ La vie d'Adele filma inspiratu zuen komikia], eta inguru hori ez da gurea, zaila egiten zitzaidan nire burua haiekin identifikatzea. Ana gertukoagoa dela sentituko dute beharbada Euskal Herriko irakurleek. Erreferentzia falta horrek ere eragingo du, jendeak lesbianismoari lotuta izan ditzakeen ezezagutzan eta topikoetan. Eta hain juxtu estereotipo batzuk apurtzea gustatuko litzaidake. Irudiari dagokionez, Anak ez ditu estereotipoak apurtzen, nahiko itxura maskulinoari erantzuten diolako, baina beste itxura bat duten emakume lesbianak ere agertzen dira istorioetan, eta aldi berean, zergatik izan behar du negatiboa Anaren itxura maskulinoak? Zergatik ez aldarrikatu aukera hori? Crowdfunding bidez bildu duzue dirua, komikia atera ahal izateko. Kanpaina martxan jarri eta eraso homofoboak jasaten hasi zinen. Urteak daramatzat nire konfort gunetik gehiegi atera gabe, eroso sentitzen naizen espazioetan mugitzen. Eta bat-batean crowdfundingaren oihartzunagatik sare sozialetan anonimoen erasoak jasotzen hastea bortitza izan zen niretzat. Nire sexu orientazioarekin sartzea baino gogorragoa egin zitzaidan nire marrazteko moduarekin sartzea: "Iraintzen zaitut lesbiana zarelako, baina ez dizut lesbiana deituko, min egingo dizun zerbaitekin sartuko naiz". Azkenean erabaki genuen ez erantzutea, elur-bola ez elikatzeko, baina publikoki salaketa egin genuen, hori ere beharrezkoa delako. Gertaera honek guztiak berretsi zidan horrelako komikiak beharrezkoak direla. "Gure historien lekukotza ematea, eta sexu orientazioa pertsonaiaren ezaugarri bat gehiago baino ez izatea, biak dira inportanteak". Arg: Dani Blanco Zure helburuetarako, formatu egokia da komikia? Irakurtzeko ohitura gutxi duten nerabeentzat, liburuaren aldean edo esku-orri baten aldean, lengoaia erakargarriagoa eta irisgarriagoa izan daiteke. Gutxienez begirada bat emango diozu, ziur, eta gainera, pertsonaiekin identifikatzeko aukera handiak ematen ditu komikiak. Komiki zaletasun handia al dago? Zaletasuna badela uste dut. Mangak adibidez jende asko du harrapatuta, baina kontua da irakurketa, oro har, gainbehera doala. Ez dakit gazteengana iristen garen, batzuek irakurtzeko ohitura lehenago galtzen dutelako. Bestetik, gu gure estereotipo eta motxilekin zamatzen garen bezala, komikiak ere bere zamak ditu, eta hainbatek oraindik uste du komikia umeen kontua dela, istorio hutsalak kontatzen dituela, entretenitzea beste helbururik ez duela… eta liburuak irakurtzen dituen jende askok ez ditu komikiak irakurtzen, pentsatzen duelako ez diola ezer berririk ekarriko. Zorionez, aurreiritzi horiek ere aldatzen ari dira. Zein dira zure inspirazio iturriak? Hainbeste da irakurri dudana, ez nukeela jakingo esaten, gauza pila bat gustatzen zaizkit. Uste dut komikian nabari dela oraindik nire estiloaren bila ari naizela. Hasierako istorioek, adibidez, ez dute berrienen antzik, ez trazuan, ez kontatzeko eran… "Uste dut komikian nabari dela oraindik nire estiloaren bila ari naizela. Hasierako istorioek ez dute berrienen antzik, ez trazuan, ez kontatzeko eran...." Zer gustatuko litzaizuke komiki honek lortzea? Araua jarraitzen ez duen genero edo sexu aniztasun bat duelako, inor ez dadila gizarte honetan baztertua edo bakarrik sentitu. Eta iritsiko da eguna, lesbiana izatea ez dena izango komikiko leit motiv a, pertsonaiaren ezaugarri bat gehiago baizik? Zentzu horretan, bi helburu ditugu kolektiboan: batetik, gutxiengo zapaldu bat izanik, gure historiak argitara ateratzea, lekukotza ematea; eta bigarrena, zuk zeuk diozun moduan, nire genero eta sexu identitatea ez izatea mugatzaile eta determinatzaile nire bizitzan, eta komiki batean, esaterako, abentura bat bizitzen ari den pertsonaiaren ezaugarri bat gehiago baino ez izatea lesbianismoa. Uneotan, bizi dugun errealitatean, biak dira oso inportanteak. Komikia lotura honetan deskargatu dezakezu.
news
argia-56a3cef38b52
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/raquel-gutierrez-militante-eta-pentsalari-internazionalista.html
"Hauteskundeetatik edo bide autonomotik jo, eztabaida antzutzailea da hori"
Danele Sarriugarte Mochales
2017-04-02 00:00:00
"Hauteskundeetatik edo bide autonomotik jo, eztabaida antzutzailea da hori" Umetan, Latinoamerikako hainbat iraultzari buruzko kantuak eta kontuak entzun zituen Raquel Gutiérrezek. 20 urte eskas zituela, unibertsitatean ezagutu zituen matxinada haietako seme-alabak, eta berehala egin zuen hegoalderantz, bertatik bertara bizitzeko askapen-borroken kimu berriak. El Salvador, Bolivia; ekintza, kartzela. Gero, hausnarketa: berriro ekiteko, hobeto ekiteko. Donostiako Kaxilda eta Iruñeko Katakrak liburu-dendetan izan zen hilaren hasieran, liburu-aurkezten. Gaztetatik izan zara aktibista. Nola hasi zinen? 1979.a urte garrantzitsua izan zen: sandinisten iraultzak irabazi zuen, Kubako iraultza gertatu eta 20 urtera. Garaipen horrek markatu zuen Latinoamerikako bidea, hauspotu eta berrabiatu zuen borroka-tradizio bat, gerrilletatik zetorrena. Kontinente osoa hasi zen astintzen: besteak beste, Guatemalan, garaitsu horretan ari ziren zabaltzen mugimendu indigenak eta komunitarioak. Beraz, auzokoak bor-borka geneuzkan, eta gainera, Mexikok bazeukan ate irekien politika bat, onartzen zituen beste herrialdeetako errefuxiatuak, nahiz eta barne-mailan sekulako kontrola ezarri. Hiriburua josita zegoen nikaraguarrez, salvadortarrez, kolonbiarrez, eta UNAM unibertsitate nazional handi-handia, zer esan… Hortik nator ni. El Salvadorrera joan zinen lehenik. Bai, errefuxiatu eta militanteen zurrunbilo horretan, salvadortarrekin hasi nintzen harremanetan batez ere, eta San Salvadorrera joateko gonbidapena egin zidaten. 1983an joan nintzen eta han atxilotu ninduten lehen aldiz. Oso gaztea nintzen eta herrialdeko erakunde iraultzaile garrantzitsuenetako baten zatiketa zela-eta hartu ninduten preso. Nik ez neukan arrastorik ere horretaz, zeharo bertikala baitzen erakunde hura, eta oinarriko militanteek ez zeukaten inongo informaziorik; izugarri haserretu nintzen, eta izugarri beldurtu. Zorionez, azkenean, deportatu egin ninduten, eta nire buruari zin egin nion ez zitzaidala berriro halakorik gertatuko, hau da, berriro atxilotzen baninduten, zehatz-mehatz jakingo nuela zergatik. Borrokan jarraitzeko gogoa ez zitzaizun itzali hala ere. Hurrengo urtean, Boliviara jo zenuen. Hori da, 1984. urtearen amaiera aldera joan nintzen Boliviara, hainbat kiderekin. 20 urtez, gobernu militarren segida bat egona zen han, ez diktadore bakar bat, baizik eta hainbat, kolpez kolpe aldatzen zirenak. 1982an, baina, demokrazia aldi bat zabaldu zen, eta ondorioztatua genuen halako batean amaitu egingo zela bolada demokratiko hura, Bolivian ez baitute sekula luzaroan irauten, eta hortaz hasiko ginela antolakuntza-prozesu bat eraikitzen, kolpea zetorrenean prest egoteko. Horrelaxe abiatu zen Tupac Katari erakundea? Oso-oso gazteak ginen denok, eta eraikitzen hasi ginen halako modu fresko batean, akaso lañoa zena, baina baita bestelakoa ere. Hala jarri ginen harremanetan mendebaldeko aimara komunitateekin, oso ondo eta oso aspalditik egituratutako komunitateekin. Hasiera batean, guk uste genuen haiek errekrutatzen ari ginela, eta, jakina, ez zen hala, baina haiei interesatzen zitzaien gure bidea, ikusi nahi zuten ea zer egingo genuen, eta horrelaxe sortu zen lotura oso emankor bat. Noski, noizbait ere konturatu ginen beste zerbait ari zela eratzen. Zer motatako borrokak egin zenituzten? Funtsean, propaganda egin genuen; gerrilla gisa ez ginen hain interesgarriak izan. Jakina, erakunde politiko-militar bat ere baginen, garai hartan ulertzen zen bezala, baina, oinarrian, zera egin genuen: eztabaidarako gaiak aurkeztu, testuak argitaratzen hasi aimara eta ketxua hizkuntzetan, liburuak eta egunkariak kaleratu… Edonola ere, asko ikasi genuen tradizio indigenaren antolatzeko moduei buruz. Adibidez, Andetako tradizio indigenaren arabera, antolakunde edo dena delako bat asko hazten bada eta jada ezin bada ondo manejatu, bada tradizioak iradokitzen dizu bitan banatzea, hala, bi puskak manejatzeko modukoak izateko berriro. Eta berriz atxilotu zintuzten, baina oraingoan bazenekien zergatik. Ondo baino hobeto nekien, bai. Egia esan, atxilotu aurreko sasoian, hasia zitzaigun gertatzen beste erakunde batzuetan ere gertatu den zerbait: erakunde politiko-militarretan, aparatuak, aparatu militarrak batez ere, jotzen du bere premiak inposatzera, eta, hala, horren mende geratzen da erakundearen beste segmentu hori, lotuago dagoena bizitza kolektiboaren erreprodukzio materiala eta sinbolikoa ziurtatzeko langintzarekin. Hala ere, bazegoen beste zerbait ez nuena ulertzen. 1992. urtea zen, urte garrantzitsua hura ere, 1989an erori baitzen Berlingo harresia, eta ondorioz, esperientzia sobietarra. Guztiz desados egon zintezkeen horrekin, baina eredu bat zen gutxienez, eta bertan behera amiltzen ari zen, kartekin egindako gaztelu bat balitz bezala. Harrigarria zen, eta apenas geneukan informaziorik. Latinoamerikan ere banan-banan ari zitzaizkien burua mozten gerrilla mugimenduei, eta hasi nintzen pentsatzen, obsesiboki pentsatu ere, ea zer atera zen gaizki. Hausnarketa horren ondorioz idatzi zenuen zure lehen liburua: ¡A desordenar! Por una historia abierta de la lucha social . Bai, esan bezala, dena ari zen erortzen, eta bolada horretan sortu zen beste gauza bat, sortu zen altxamendu zapatista, beste kode batzuekin, beste diskurtso batzuekin. Kartzelan nengoen bitartean astia neukan irakurtzeko, halako gauzen inguruan pentsatzeko, eta orduan hasi nintzen idazten zerbait, zalantzan jartzen zituena, nolabait ere, ezker armatuaren zenbait mantra, ezker armatuaren alderdirik maskulinizanteenak. Nekeza egin zitzaidan hura idaztea, askok gaitzetsi baininduten eta nik gaitzetsi bainituen haiek; gero, apurka-apurka, joan ginen adiskidetzen. Argazkia: Dani Blanco. Berehala argitaratu zenuen beste liburu bat: Desandar el laberinto: Introspección en la feminidad contemporánea . Zuzenean aipatzen da emakumeen menderakuntza. Hara, egia esango dizut, liburu hori idatzi nuen dibortziatzeko. Nire bizitza nahiko ezohikoa izan zen, ikasle izan nintzen Mexikon bolada batez, baina gero Latinoamerikan barrena ibilia nintzen militante internazionalista gisa. Kartzelatik irten nintzenean bizi izan nuen lehenengo aldiz halako bizitza normal eta egonkor bat; bikote batean, gainera, gizon batekin, ezkonduta. Zer esango dizut ba, ez zitzaidan batere gustatu. Ez zuen funtzionatzen, eta kontua ez zen ez nuela maite nirekin hainbeste urtean egona zen hura, ez, kontua zen ikaragarria iruditzen zitzaidala gizon harekin bizitzea ezkontzaren pintzan, eta nire kautan galdetzen nuela: baina zer da hau? Uraren Gerra izeneko altxamendua izan zen 2000. urtean Cochabamba hirian, Bolivian. Bertan izan zinen. 1997an atera nintzen espetxetik, eta hainbat gauzatan aritu nintzen: eskolak ematen, gero Comuna izeneko argitalpen-proiektu bat abiatu genuen… Orduan, altxamendu- eta mobilizazio-garai bizi-bizia piztu zen herrialdean, Latinoamerikako beste hainbat tokitan gertatu zenarekin batera, gutxi gorabehera. Borroka askoz horizontalagoak ziren, autonomoagoak, subjektu askoz heterogeneoagoek osatuak… Eta, Bolivian, Uraren Gerra izan zen abiapuntua. Zergatik gertatu zen altxamendu hori? Kontzesioen gaiarekin dago lotuta. Garai liberalean, baliabide naturalen kontzesioak eman zitzaizkien enpresa pribatuei, haiek kudea zitzaten, eta etekinak atera; hori zuritzeko esaten zuten eraginkorragoa zela enpresa pribatuaren kudeaketa estatuarena baino, eta hori ez da egia inondik ere, baina tira, argudio hori erabili zuten. Orduan, AEBetako konpainia bati eman zioten Cochabamba hiriko eta inguruetako ura kudeatzeko kontzesioa, eta hango grina pribatizatzailea erotzekoa izan zen, ezarri zituzten baldintzak eskandalagarriak ziren. Adibidez? Bada, besteak beste, neurgailuak jarri nahi zituzten jendeak bere kabuz eta auzolanean eginak zituen putzuetan. Zuk zeuk egin duzu lan guztia eta hara non gringo bat datorkizun kuota bat kobratu nahian; zeren izenean baina? Ez dizu-eta ezertxo ere eman. Jakina, matraka teknokratikoak aletu zituzten, dotore-dotoreak, akuiferoari buruzko ikerketak egingo zituztela eta abar, baina jendeak erantzun egin zien: "Zuek ez diguzue ezer eman, ezta peso laurden bat ere, eta ura ez da inorena, ura denona da". Pribatizazioak talka egin zuen herritarrekin, eta hiria eta inguruak altxatu egin ziren. Argazkia: Dani Blanco. Enpresak alde egin zuen, ezta? Bai, Bechtel enpresa bota genuen, eta udal enpresa berreskuratu, baina ez genuen nahi alkateak aukeratzerik zuzendaria, zeren alderdien sistemak hautatzen baitzuen alkatea, eta desastre hutsa zen sistema hura, oraingoa baino okerragoa. Orduan, kontrol soziala izeneko zerbait hasi ginen sortzen, eta uraren batzordeekin eta auzoetako batzordeekin batera sortu genuen halako egitura bat, udal enpresa kontrolatzeko. Zer moduz joan zen? Maila txikian egin arren, ariketa benetan interesgarria izan zen, ikusteko nolako harremanak sortzen diren instituzioaren eta mugimendu autonomoaren artean. Konturatu ginen zer zaila den. Arazoa, hala ere, ez zen sistema zaharrean eraginkorrak izatea, baizik eta hori iraultzea. Berehala etorri ziren oztopoak, ez baikenuen lortu udal enpresaren jabetza-erregimena aldatzea, eta, beraz, udal enpresak kudeatzeko erregimena bete behar baikenuen nahitaez. Adibidez, uraren batzordeek asanblada erraldoi bat egin eta erabakitzen bazuten, kolektiboki eta lan handia egin ostean, hodi bat hemendik joan behar zela eta ez handik, bada hori ezin zuen enpresaren zuzendariak bakarrik erabaki, ez dakit nork eta badakit nork balioztatu behar baitzuten. Instituzioa ez da auto bat, bolante batekin, hara edo hona bideratu daitekeena. Itsasontzi bat da, olatuei eta enbatari aurre egiteko gai dena, amarratzez osatua: bati jotzen diozunean, gai da kolpeari aurre egiteko, kargaren puska bat beste amarratzeetara bidalita. Horregatik da hain elastikoa, horregatik eusten dio, erasoak eraso. Zure azken liburuan lantzen duzu instituzioaren eta mugimendu komunitarioaren arteko kinka hori. Nire asmoa ez da berriro ere ezartzea aspaldiko eztabaida hori, antzua iruditzen baitzait gainera, ea hauteskundeen bidetik ala bide autonomotik jo behar dugun. Saiatu behar dugu dualtasuna ulertzen ez harreman binario bezala, hau ala bestea, baizik eta zeruertz moduan, elkar osatzen duten harreman moduan. Horretan oso lagungarri zaigu feminismoa. Irudikatu behar dugu mugimendu-estatu harremana, eta ez tematu estatua dela eragile bat eta bakarra. Ez dugu uste Gizona denik eragile bat eta bakarra, ezta? Ba berdin. Mexikon bizi zaren arren, gertutik jarraitu dituzu azken hamarraldian Bolivian gertatu direnak. Zer iritzi duzu? Aurreko galderan aipatu didazun kinka horren harira, ez daukagu erantzunik, baina serio hartu behar ditugu arazoak, eta Latinoamerikako gobernu aurrerakoien adibidea argigarria da. Boliviaren kasuan bi aro daude, argi eta garbi. Lehena, 2006 eta 2009 bitartean, Evo [Morales] gobernuan zegoela jada: konstituzioa sortzeko asanblada oso interesgarri bat egin zen, hainbat gauza aurkeztu ziren eta hainbat gauza idatzi ziren herrialdeko konstituzioan, zenbait urte lehenago ezin izango genituzkeenak amestu ere. Zerk zapuztu zuen hasierako itxaropen hori? Instituzioaren eta estatuaren bidea hartzen baduzu, jakin behar duzu zertarako zauden hor, zer lortzeko. Gizarteak edo mugimendu autonomoak argi izan behar ditu gutxieneko batzuk, eta horietan ezin da amore eman. Nire eta beste hainbaten kasuan, gutxieneko oso gutxieneko bat zen herrialdearen ekialdeko lurjabe oligarkek ospa egin behar zutela, izan ere, gobernu militarrek lurrak eman zizkietelako baino ez baitzeuden han. Hori aldatu beharra zegoen! Baina ez zen aldatu. Eskuin oligarkako alderdien tema baretzeko, ezabatu egin zen puska hori konstituziotik, eta, hala, eskuinak alde bozkatu zuen. Zergatik egin zitzaizun hain etsigarria? Nik ulertzen dudan moduan, muga jakin bat zeharkatuz gero, goikoek ekinean segituko dute, oraingoan hau eta hurrengoan beste hura irents dezazun. Beren zuribideak azalduko dizkizute, noski, apain askoak, kontua da ea aditu nahi diezun.
news
argia-be046dcec671
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/kutxabanken-erabilera-politikoa.html
Kutxabanken erabilera politikoa
Juan Mari Arregi
2017-04-02 00:00:00
Kutxabanken erabilera politikoa Diruaz bidegabe jabetzeagatik Mikel Cabieces, Mario Fernández eta Rafael Alcorta zigortu dituen epaiak hainbat irakurketa izan ditzake. Laburbilduz, Mario Fernández Kutxabankeko presidenteak agindu zuen Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko EAEko ordezkari ohiari hiru urtez hilean 5.738 euro –eta bidaia gastuetan 900 euro gehiago– ordaintzeko, Rafael Alcorta abokatuaren bulegoaren bidez. Ordainketak 2012ko martxoan hasi ziren. Mario Fernándezek dimititu egin behar izan zuen hiru urte horiek bete baino lehen eta 2014ko azaroan erabaki zuen geratzen ziren hilabeteak aurrez ordaintzea. Denera 243.592 euro. Ez da inon jaso Mikel Cabiecesen lanik Kutxabankentzat. Gertaera horiek erakusten dute Kutxabank politikoki erabili dela Espainiako Gobernuaren interesen zerbitzura. Nahiz eta erakunde horretan inoiz lanik egin ez, diru publikoz –Kutxabankeko bezeroek– itzuli zioten borroka "antiterroristan" egindako zerbitzua. Enplegatuei iseka egin diete: hauek bai egiten dute lan Kutxabankentzat, baina "soldata" politiko hori baino askoz gutxiago irabaziz. Eusko Jaurlaritzak hori justifikatzea ere iraina da Dirua-Sarrerak Bermatzeko Errentan murrizketak jasan dituzten milaka lagunentzat eta enpresa publikoetan kontratu prekarioekin dabiltzanentzat, baita miseriazko pentsioak jasoz biziraun behar duten pentsionistentzat ere. Azkenik, ez dirudi kasu hori bakarra denik, eta logikoa da jendarteak susmoa izatea "beste Cabieces" asko daudela, argitu eta azaleratu beharrekoak. Arduradunak eta errudunak ez dira, noski, zigortutako hiru pertsonak bakarrik, baita hori babestu eta estali zuten EAJ, PSE eta PP alderdiak ere. Orain isilik geratuko al dira? Litekeena da.
news
argia-a5baba0b6194
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/bakar-jokoan-tranpak-egiten.html
Bakar-jokoan tranpak egiten
Asier Blas Mendoza
2017-04-02 00:00:00
Bakar-jokoan tranpak egiten Europar Batasunaren etorkizunarentzat erabakigarria da 2017. urtea.  Hauteskunde moduko hiru match point salbatu beharko ditu gutxienez: Herbehereetakoak, Frantziakoak, Alemaniakoak eta, agian, Italiakoak ere bai. Lehenengoa pasatu da eta establishmenta kontentu dago emaitzarekin. Azkenean, Geert Wilders eta bere Askatasunaren aldeko alderdiak ez ditu hauteskundeak irabazi. Halere, ezin ukatu daiteke igoera handia izan duela, bigarren indarra izatera pasatu da eta bost eserleku gehiago irabazi ditu. Orotara, eskuin populistak hogeita bost eserleku izango ditu, aurreko legegintzaldian baino zazpi gehiago. Eskuin populista kategoriapean alderdi oso desberdinak sartu ohi dira. Guztiek konpartitzen duten elementua da nazionalismo etnikoa, eta beraz, immigrazio politika murriztaileen alde egiten dute eta gradu batean edo bestean islamofoboak dira. Hortik aurrera, ideologia aldetik sentsibilitate desberdinetakoak daude. Adibidez, Fronte Nazional frantsesak proposamen sozialdemokrata erradikalak ditu arlo sozioekonomikoan, Wildersek aldiz, agenda neoliberal bat bultzatzen du nagusiki. Beste desberdintasun garrantzitsu bat da alderdi bakoitzak duen izaera. Fronte Nazionala hauteskunde presidentzialak irabazteko estrategia batean ari da lanean, horregatik, bere programan aspektu batzuk azpimarratu arren, oro har, proposamen integral batean oinarritzen da. Askatasunaren aldeko alderdia ordea, gai bateko alderdi gisa izenda genezake, hau da, bere programako aspektu gehienek ez dute koherentziarik, inportanteena islamofobia da. Eskuin populista kategoriapean alderdi oso desberdinak sartu ohi dira. Guztiek konpartitzen duten elementua da nazionalismo etnikoa eta, beraz, immigrazio politika murriztaileen alde egiten dute eta gradu batean edo bestean islamofoboak dira. Hortik aurrera, ideologia aldetik sentsibilitate desberdinetakoak daude Herbehereetako hauteskunde sistema munduko proportzionalenetako bat da, barruti bakarrean 150 diputatu esleitzen dira. Hautagaitza batek botoen %0,67 ateratzen badu, eserleku bat eskuratzen du, beraz, edozein muturreko proposamen Parlamentuan erraz sartu daiteke eta eztabaida politikoa baldintzatu. Bestalde, populistek oso zaila dute gobernuan sartu ahal izatea eta ia ezinezkoa boterea bakarrik lortzea. Hori sistema presidentzialistetan gerta daiteke, irabazleak jokoan dagoen kargu bakarra lortzen duelako, horregatik Trumpek irabazi ahal izan du AEBetan edo Ezker populistak Latinoamerikan. Berriz, sistema parlamentario proportzionaletan sentsibilitate politiko desberdinen artean sakabanatu egiten da botoa. Koalizioak behar izaten dira gobernuak osatzeko. Wildersek ondo daki hori, horregatik, gobernua lortu baino, agenda politikoa baldintzatu eta bere ideiekin gainontzeko alderdiak kutsatzea du helburu. Adierazpen politiko probokatzaileekin harrabotsa sortzen du, baina ezin uka daiteke bere ikuspegitik emaitza onak lortu dituela. Bai, Wildersen alderdi ohiak, Askatasunaren eta Demokraziaren aldeko Alderdi Popularrak, irabazi ditu hauteskundeak berriro, baina zein preziotan? Hauteskundeak izan baino bi aste lehenago Europako Batzordeak paperik gabe dauden milioi bat etorkin EBetik bota behar direla adierazi zuen. Hau gutxi balitz, hauteskunde kanpainako azkeneko astean Herbehereetako Gobernuak bere egin ditu Wildersen posizioak Turkiari dagokionean. Erdoganen gobernuko kideen mitinak debekatu ditu eta Turkiako Kanpo Harremanetarako ministroari ez zion baimena eman Holandan lurreratzeko, nazioarteko legediaren mugak esploratuz eta NATOko aliatu batekin liskar bat irekiz. Ondorioz, lehen ministroak eta koalizio gobernuan jarrera gogorrena izan duten demokristauek beren saria jaso dute hauteskunde emaitzetan. Bitartean, ezkerra inoiz baino ahulago agertu da 37 diputaturekin (14 Sozialista–Ezker Unitarioa, 14 Ezker Berdea, eta 9 Laboristak). Seguru eskuin populista galtzen ari dela?
news
argia-81c60dfa10d6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/euskal-oasia-sutan.html
Euskal Oasia sutan
Lander Arbelaitz Mitxelena
2017-04-02 00:00:00
Euskal Oasia sutan Txosten gordina argitaratu du HerriUni-ko kide Nekane Jurado ekonomialariak. Krisiaren lehen urte gisa hartzen den 2008 urtea egungo egoerarekin konparatu du, Hego Euskal Herrian ere aberats eta txiroen arteko arrakala zabaltzen ari dela agerian utziz. Bertan 533.222 pertsona pobreziaren mugatik behera bizi dela jakiteak argi uzten du "Euskal Oasirik" ez dela, aberasten jarraitzen duten gutxi batzuentzat ez bada. "Esperantzaren printzipioa soilik gauzatuko da, herritarren gehiengoa konturatzen denean bere bizi baldintzak ez direla direnak inongo lege naturalengatik edo helburu zerutiarrengatik, pobrezia eta inpotentzia sortuz, handi-mandi gutxi batzuen aberastasun eta botere-gose ase ezinagatik baizik". Vicente Romanoren aipu horrekin hasten da Atzeraldi handiko hamarkadaren osteko egoera ekonomiko eta soziala txostena. HerriUniko kide Nekane Juradok egin du, beste eragile sozial eta politiko batzuekin: Eusko Ekintza, Herritar Batasuna, Euskal Herriko Komunistak, Askatasunaren Bidea eta Libertate Nafarra.  100 orriko txosten zorrotzak batean eta bestean argitaratu diren datu eta estatistikak ditu oinarri, egoeraren argazki beltza islatuz. Lanaren tesia da 2008 eta 2017 urte bitarteko Hego Euskal Herriko aurrekontuek gizarte desorekan sakondu dutela urtez urte. Nekane Juradok oso garbi du herritarren parte handi bat pobretzen ari den bitartean, gutxi batzuk aberasten ari direla. Ez da Hego Euskal Herriko berezko kontua, Europar Batasunean ere kapital metaketa biderkatu egin baitute herrialdez herrialde gutxi batzuek. "Lisboako Itunarekin hasi zen Europar Batasuna 2000ko martxoan ongizate estatuak desmontatzen", dio. Egun, prozesu beraren bigarren fase bortitzago bat bizitzen ari garela defendatzen du Juradok. Estatuak arlo sozialean egiten ari ziren murrizketak, krisia heltzean bizkortu egin zituzten prozesuak, shock egoeran zeuden gizarteen erantzun azkarren faltan. "Gizarte prekarioa eraiki dute, lege-kolpeka", dio egileak txostenean. Prekarietatea bultza duten zazpi faktore zerrendatu ditu: lan erreformak, zerga politika gero eta erregresiboagoak, gastu publikoa espekulatzaile eta iruzurtien artean banatzea, ondasun publikoen pribatizazioaren eta liberalizazioaren aldeko araudiak idaztea, zorpetze maila handitzea, aberastasunaren pilaketa versus txirotasunaren handitzea, eta azkenik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako krisi demografikoa. Desorekan sakontzen "Kapitalismoa zerbait bada, hori polarizazioa da, aberastasunaren kontzentrazioa", dio begirada zorrotzez Juradok. Oxfamek 2016 amaieran salatu zuenez, munduko 62 pertsona aberatsenek, 3.500 milioi lagun txiroenek adina aberastasun daukate pilatuta, eta munduaren erdia planetako aberastasunaren %2arekin bakarrik bizi da. Europar Batasuneko informeek jasotzen dute aberastasunaren kontzentrazioa bereziki nabarmena dela ondorengo herrialdeetan: Polonia, Estonia, Grezia eta Espainian. Unibertsitate munduan egin diren ikerketen arabera, Euskal Herriko kapital kontzentrazioa altuagoa da Espainiako Estatuko eta Europar Batasuneko bataz bestekoa baino. Espainiako datuak baditugu: Espainiako Estatuan, %1 aberatsenak %80ak adina ondasun dauka. Hego Euskal Herrian kontua larriagoa bada, zein ote dira kopuruak? EAEko eta Nafarroako kontu publikoak ez direla batere gardenak salatu du Juradok, eta datu zehatz hau falta dela dio. Nor da aberasten ari Euskal Herrian? "Finantza sektoreko eta elektrizitate sektoreko familiak, akzionista handi-handiak". BBVA eta Iberdrolako administrazio kontseiluetako kideak adibidez. Altzailuraren "jauntxo" handiak gai hau aipatzean isilean pasatzen direla uste duenez, aberasten ari direnen multzoan sartu ditu. "Altzairuari lotutako enpresa publikoak EAJren oniritziarekin pribatizatu zituztenean, hauek ondoren nazioarteko konpainia handiei eta holdingei saldu zizkieten. Salerosketa honetan, batzuek fortuna izugarriak egin zituzten, eta ikusi egin behar litzateke ea ustelkeria norainokoa izan den hemen". Euskal herritarrek lurraldeko aberats handiak oso gutxi ezagutzen dituztela uste du ekonomialariak. Pobrezia eta prekarietatea gora Txanponaren beste aldean kokatzen dira, Eurostaten 2015 amaierako datuen arabera, pobrezian eta bazterkeria arriskuan dauden Europar Batasuneko 122,3 milioi pertsonak. Herritarren %24, lautik bat; hamar urte lehenago multzo honetan herritarren %15ean zegoenean. Espainiako Estatuan 2007 eta 2015 urteen artean, txiro kopurua %26,6 igo da, hau da, 2,8 milioi txiro berri daude krisia hasi zenetik. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan herritarren %19,3 eta Nafarroako %17,1 pobreziaren mugatik behera daudela jaso du Espainiako Pobreziaren Egoeraren 6. informeak. EAEn 423.002 pertsona eta Nafarroan 110.220. Guztira Hego Euskal Herrian bostetik bat pobrezia mugatik behera: 533.222 pertsona. Pobrezia mailaren datuak, gainera, "tranpa" daukala gehitu du Juradok. Nork eta non jartzen du pobrezia mailaren marra gorria? "Datu hori erlatiboa da eta azken urteetan jaisten joan da, jende gutxiago egon dadin izen horren atzean". Adibidea jartzearren, Espainiako Estatuan 2009an pobretzat hartzen ziren kontsumo unitate gisa hilean 739,7 eurotik beherako diru sarrerak zituzten etxeetan bizi ziren pertsonak. 2015ean pobrezia maila 667 eurora jaitsi dute, eta beraz, hilean 667 eta 739 euro bitarteko sarrerak dituzten pertsona guztiek "txiro" izateari utzi diote txosten ofizialetan, beren bizimoduetan inolako hobekuntzarik izan gabe. Erakundeak gastu sozialetan etengabeko murrizketak egiten ari direla eta Europa Batasuna "ongizate estatuak desmantelatzen" ari dela argi du Juradok. (Argazki Press / Jon Hernaez) "Langile txiro" deritzanen datua ere alarmak piztekoa iruditzen zaio Juradori. EAEn 18 urtetik gorako herritarren %13,57k ez du inongo errentarik jasotzen, edo urtean 12.000 eurotik behera jasotzen du 18 urtetik gorakoen %44k, Eustatek emandako datuen arabera. "Urtean 12.000 eurotik behera gure gizartean ezin da etxebizitza bat eskuratu, ezin da jan, ezin da jantzi, ezin da energiarik eskuratu". Datu ofizialen arabera, Hego Euskal Herrian 255.000 pertsonak energia pobrezia pairatzen du. Energia pobrezia kontzeptua modan jarri dela uste du Juradok, baina hori pobrezia ekonomikoaren adierazle bat dela. "Hitz egin genezake energiaz gain, nutrizio-pobreziaz, zaintza pobreziaz, kultur pobreziaz eta beste. Energia pobrezia pairatzen duen jendeak, ez du hori bakarrik pairatzen, baliabideak izango balitu argindarra erabiliko bailuke. Badirudi diagnostiko globala ez dugula ikusi nahi, sakonean dagoena da pobreak direla ekonomikoki". Legea eskuan, prekarietatea eraiki Segidan datorren datu zopa handia irakurleak lehen kolpean asimilatzea zaila izan daitekeen arren, ongi dokumentatutako datuok osatzen duten erradiografiak talka egiten du hainbat eragile zabaltzen ari diren ekonomiaren berreskuratzearen ideaiarekin. EAEko industria 1975ean BPGren %48,8 sortzetik erdira jaitsi da 2015ean, %24ra. Langile industrialak 355.400 izatetik 181.041 izatera jaitsi dira. 2008tik 142.000 lanpostu deuseztatu dira. EAEn egindako kontratuen %93,5 aldi baterakoak dira, batez beste, bi hilabetetik beherakoak. Erregistratutako 176.217 langabeturekin itxi du 2016a Hego Euskal Herriak, erregistratu gabeak gehitu behar zaizkio horri. 2009an langabeen %68,7k jasotzen zuen prestazioa egun %37,5ek. Langabezia prestazioa jasotzen duen pertsona bakoitzarekin egiten den batez besteko gastua %19 jaitsi da 2009tik 2016ra. Egun 44 urtetik beherako gazteen %39,4 gurasoen etxean bizi da; 2008an %34,4 ziren. 2009 eta 2014 urte bitartean arrazoi ekonomikoengatik 14.300 gaztek migratu behar izan du atzerrira. Segurtasun eza, dependentzia, autokonfiantza falta, estresa, sozializatze arazoak, depresioak edo gaixotasun psikikoak geroz eta arazo ohikoagoak dira. 2009-2014 bitartean 1.328 pertsonak egin dute beren buruaz beste: 296 Nafarroan, 1.032 EAEn. Astean 4 suizidio. BPGa, datu engainagarria "2016an Euskadin hirugarren urtez jarraian ekonomia eta lanpostuak berreskuratu dira, eta 2017ra luzatuko da errekuperazioa", dio Confebasken iazko balantzeak. Barne Produktu Gordina gisako datuei erreparatuta, hori uler liteke. Hego Euskal Herriko Barne Produktu Gordina 2016an %2,9 igo da Eustat eta Nafarroako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera. Juradok datuok aztertzeko orduan, Iberdrola eta BBVA gisako enpresen kapital guztia, "herritarrok usaindu ere egiten ez dugun aberastasuna", hor kontabilizatzen dela nabarmendu du. "Jo dezagun BPGa guztion irinarekin egiten den tarta dela, nahiz eta hemengo irinari gehitzen zaion Hego Amerikatik bezala, beste lurraldeetatik batzuek lapurtzen dutena. Behin tarta eginda, herritar kopuruaren artean zatitzen da, eta gainera oso gutxi garenez, zenbaki altua ateratzen da. Pertsona bakoitzari 33.000 euro dagozkigula ateratzen da EAEn, etxean bi bagara 66.000, eta haur bat izanik 99.000 euro ditugula. Hori ez dauka ia inork. Batez besteekin jokatzen denean, Euskal Herriko per capita errentarekin eta abar, ezberdintasun guztia ezkutatzen ari dira. Ikaragarria da". BPGaren igoera hiru faktore nagusiren eraginez gertatu dela jaso dute txostenean: faktore monetarioa, turismoa eta esportazioak. Eragile nagusia monetarioa da. "Atzean ez du ezer, fiktizioa da". Orain bi urte inguru, Europako Banku Zentralak "zabalkunde monetarioa" deitu ziona abiatu zuela gogoratzen du, hau da, krisiaren sakontasuna ikusita, diru gehiago produzitu eta bankari interes negatiboekin eman ziotela: 1,14 bilioi euro. "Bankak bestela inola koloka ezin zezaketen herrialdeen zor publikoa eros zezan, arrisku saria jaisteko eta inflazioa igotzeko. Oso operazio politiko-ekonomiko arriskutsua da, lehendik AEBak eta Japoniak egin zuten. Makinari dirua ematean Europako herrialdeen BPG %1,8 eta %2 artean igo zen zuzenean". Horrela ezin dela luze jarraitu uste du Juradok. "Badakigu BPGaren igoeraren %2 moneta masa zabaldu delako gertatu dela. Beste %1, turismoagatik igo da, baina oso koiunturala da". Mediterraneo itsasoaren inguruko hainbat herrialdetan ezegonkortasun politiko handia dago, turisten aurkako atentatuak eta beste. Eta horregatik guztiagatik ere badoa gurea gora". Txostenean jaso dute Hego Euskal Herrian sektore horretako langileen prekarietateak bermatzen dituela prezio baxuak, eta eragina duela turismoarekin lotutako enpresen igoeran. Juradok ez du turismo eredu hori babesten. Esportazioen igoeraz dio BPGan ez duela hainbesteko igoerarik eragin, diskurtso ofizialak kontrakoa esaten badu ere. Hauek gora doaz produktuaren prezioa jaitsi egin delako, lan eskua merketzen ari delako. "Pobrezia eraikitzen ari dira", dio borobil. Zor publikoaren burbuila arriskutsua Ekonomia errealak baino indar handiagoa du finantza ekonomiak, txostenean defendatzen dutenez. "Batetik, langileek soldata baxuak kreditu bidez konpentsatzeko, eta bestetik, kapital handiek autoerreproduzitzeko eta mugarik gabe hazteko bidea aurkitu dutelako. 1970eko hamarkadaz geroztik, herritarrei aberastasuna kentzeko kapitalaren palanka berria bilakatu da kreditu sistema". EAEko zor publikoa krisia hasi zenetik 16 aldiz biderkatu da. EAEk 2007an 642 milioi euroko zor pubikoa zuen, eta 2017an 10.450 milioi eurokoa, Espainiako Bankuak egindako informe baten arabera. 2017ko aurrekontuen %10 zorra eta interesak ordaintzeko dela jaso du. Zor publikoak herritar xeheari zuzenean eragiten diola erakusteko, familia baten kasua jartzen du adibide gisa ekonomialariak. Etxearentzat hipoteka eskatu du, beste bat autoarentzat eta beste bat beste zerbaitetarako. "Bankuekin zorrak ditut, baina ez al dit eragiten? Bizitza maila jakin batean bizi naiz. Hori ordea, ez da erreala eta lehertu egingo da goiz edo berandu. Batetik, kapitala itzuli egin behar dudalako noizbait, eta horrez gain, interesak ordaintzen ari naizelako urtez urte. Errenta, elektrizitatea edo janaria ordaintzeko orduan eragiten ari da beraz. Diru sarreren jaitsiera eta aurrera begira diru hazkunde ekonomiko baten perspektiba falta gehituz egoerari, geroz eta zorpetuago zaude, eta hori da gertatu dena. Euskal Herria bide horretan sartu da". Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zorraren %25 AHTren lanak ordaintzeko erabili da: Eusko Jaurlaritzak unilateralki 2.570 milioi euro aurreratu ditu. Egun ordaintzeko dagoen zorraren %30 AHTren aurre ordainketak egiteko izan dela dio. "Aurten aurreikusi dituzten 390 milioi euro horiek zorrarekin ordaindu dituzte jada, alegia, egun zorra eta interesak %30 txikiagoa izan litezke". Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zorraren %25 AHTren lanak ordaintzeko erabili da. (Argazki Press / Juanan Ruiz) Zor publikoaz gain, zorpetze pribatuak herritarrak "prekarietatean harrapatuta geratzea" esan nahi du bere ustez. "Ez soilik lan arloan, prekarietate izugarria bizi dugu gure bizitzetan. Maileguak masiboki eman zituzten, jendearekin zor txikiak ditu gehiengoak, eta azkenean eskaintzen dizuten lana hartu besterik ez duzu, miseria guztiarekin. Zorra da jendea prekarietatera betirako kateatzeko modua". Gazteak geroz eta zorpetuago daudela ere nabarmendu du Juradok. Aurrez emandako datuok izebergaren punta direla diote, Ogasunak kontrolatzen dituen errentetan oinarritzen baitira. Kanpo geratu den 13.560 milioi euroko iruzur fiskala familia eta enpresa ingurune murritz batean kokatzen da nagusiki. Datua Ogasun Ministerioko Teknikarien sindikatuak eman zuen Arabako Batzar Nagusietan 2012ko martxoan. EAEko sistema fiskalean gertatzen ari den "iruzur fiskal altuaz" mintzatu ziren. "Hori asko ala gutxi da? Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua 11.000 milioi dira. Iruzurra 13.560 milioi. Hori kentzearekin bakarrik, aurrekontua bikoiztu liteke", dio Nekane Juradok. Nork jartzen du denon dirua? Etekin handiak izaten ari diren euskal enpresa handiek Ogasunari egiten dioten ekarpena oso baxua dela uste du Juradok. "Euskadiko Zerga Koordinaziorako Bulegoak emandako datuen arabera, EAEn biltzen den diruaren %92,2 lan errendimendutik dator, %6,1 aktibitate ekonomikoaren errendimendutik eta azken %1,7a gainontzeko elementuek osatzen dute. Honek esan nahi du, hemen biltzen den 100 eurotik 6,2 bakarrik ari direla jartzen enpresak, eta gainontzeko guztia herritarrok jartzen dugula". Krisiak enpresei iruzur fiskala areagotzeko balio izan diela argi du, diru ekarpena erdira jaitsi baitute datuon arabera. "Diru publikotik azpiegiturak eta diru-laguntzak exijitzen dituzten horiek ematen dutena baino gehiago jasotzen dute, eta politikariek esaten digute ez presionatzeko enpresa handiak, krisian gaudela eta bizirik mantentzea nahikoa dela; kontua denean aberastasuna igotzen doala eta beren ekarpena jaisten", dio haserre.     Kupoaren bidez EAE eta Nafarroako herritarrak Espainiako Gobernuari geroz eta gehiago ordaintzen ari direla jaso dute txostenean. Bost urtetik behin berritzen den kupoaren legea 2011n iraungi zen, eta ordutik prorrogatuta dago, ez baitira ados jarri Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua kopuruetan. "Hego Euskal Herriko administrazioek beren esku ez dituzten eskumenengatik Madrili ordaintzen zaion dirua da kupoa: EAEk %6,24, %1,6 Nafarroak, orain urte batzuk lurralde hauen ekonomiak estatu mailan zuten pisuaren arabera finkatua. "Madrilek guk ez ditugun eskumenetan xahutzen duena xahutzen duela, guk ehuneko hori ordaintzen dugu". Madril alor horietan gastua biderkatzen ari dela dio, gastuak igoz zor publikoan, langabezian, gizarte segurantzan, NATOren edo Europar Batasunaren gastuan, Monarkian, armadan eta beste hainbat alorretan. Hego Euskal Herriko administrazioak kopuru izugarriak ordaintzen ari direla azpimarratu nahi du, noiz eta presio fiskala jaistearen ondorioz biltzen den diru kopurua jaisten ari denean. Euskal Herriko udalak erabat zorpetuta daudela jaso dute txostenean. Aldundiek lehenik eta behin Espainiarekiko kupoa ordaindu behar baitute, ondoren Eusko Jaurlaritzari beste ehuneko finko bat eman, eta ondoren geratzen den dirua herrientzat eta aldundientzat dela dio. "Ura lepoan dutenak udaletxeak dira. Arrisku guztia gurea da, gure diru sarrerak kontutan hartu gabe Madrili ordaintzen ari garelako gastatzen duen oro. Eta luzatzen diren krisi garaietan, sistema ekonomikoaren eraldaketa honetan, euskal sistema publikoaren kiebra finantzarioa ekar dezake. Eta hau EAJk isilik du, bere kudeaketa eredua delako". Krisia hasi zenetik, sektorez sektore, hamaika protesta izan dira murrizketa sozialen aurka. (Argazki Press / Marisol Ramirez) Egoera ezin dela ekonomia politikoa aztertu gabe ulertu uste du, Grezia adibide gisa jarriz, eurotik ez ateratzearren zigorra onartu behar izan baitzuen, nahiz eta botere handia pilatuta izan ezkerrak. Kritika faltan botatzen du. "Aurrekontuak alderdi baten plasmazio politikoa dira. Alderdi baten programa politikoak fondo publikoak behar ditu, finantzazioa, eta hori da aurrekontua. Beste dena diskurtsoa da". Egun, diskurtsoetan aldeak egon daitezkeela aitortu arren, hauxe dio: "Praktikan eta sakoneko ideologian, ezberdintasunak minimoak dira ezkerra deitzen zaion horren eta eskuinaren artean. Sozialdemokraziari gertatzen ari zaiona da". Ezker Abertzalearen azken urteetako aldaketarekin oso kritikoa dela dio. "EH Bildu sozialdemokrazian erori da. Egun dena joko instituzionala da, noiz eta politika ekonomiatik gidatzen ari direnean. Iaz ez zen ezta kritika sakonik ere egon aurrekontuekiko", dio. "EAEkoa bezalako gizarte zaharkitu batean, zerbitzuen sektorea eskaintzen da, turismoa indartzen da, Guggenheimen izenean promozioa egin, AHT eraikitzen dirutza xahutzen jarraitzen da, industria guztia suntsitzen ari dira eta AEBetako paradisu fiskaletan dirutza izugarria daukate hemengo enpresa askok. Horrela ez dago irteerarik". 2014az geroztik Espainiako IBEX35 osatzen duten enpresa guztiek dute presentzia paradisu fiskaletan. 2012an 555 enpresa zituzten lurralde horietan, 2013an 815, eta 2014an 891. Tartean dira "euskal enpresa handiak", Iberdrola, BBVA, Gamesa eta Euskal Herriko kapitala duten beste batzuk. BBVAk adibidez, 52 elkarte zituen 2014an paradisu fiskaletan. "Isiltasun informatiboak lagunduta, nork babesten du euskal multinazionalik handienaren inpunitatea?". Lehen 100 ordaintzen genuen tokian, orain 87 ordaintzen dugu presio fiskala jaitsi egin dutelako. BPGren arabera, ordea, aberastasuna 5 puntu igo da. Zergen partea jaitsi egin da. Baina zer jaitsi da? "BEZa %16tik %21era igo digute, beraz, kontsumo zerga ez da jaitsi. IRPFa ere geroz eta diru gehiago biltzen ari da. Beraz, erdia baino gehiago jaitsi dena enpresen zerga da. Honenbestez, esan dezakegu enpresak Euskal Herrian 100etik 7 baino gutxiago ari direla ordaintzen, baina BPGaren erdia baino gehiago beren kontu korronteetan daukatela, langileek sortzen duten aberastasuna. Tartaren erdia baino gehiago jaten dute 100etik 7 jarri dutenek. Zer arraio ari da gertatzen?", dio. "Krisia" deitzen dioten hamarkada honetan goi mailan hartutako erabakiak eragin zuzena izaten ari dira herritarren bizi baldintzengan. Egun zabalduta dauden hainbat uste ustelen aurrean datuak eskaintzeaz gain, Nekane Juradoren txostena baliagarri izan daiteke etorkizunean, ulertzeko aurretik ditugun urte hauetan gizarteak har dezakeen norabidea. Alde batera, edo bestera.
news
argia-e0559f8999aa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/tematu-eta-tematu-ase-arte.html
Tematu eta tematu, ase arte
Iker Barandiaran
2017-04-02 00:00:00
Tematu eta tematu, ase arte Topikoetatik tiraka ezin ukatu nafarrak burugogorrak direla, eta horien artean hala behar dute izan Kaskezur taldekoek. Aspaldi da zakur bat espaziora bidali zutela hark bizi hobea ezagutu eta bueltan beraiei kontatu ziezaien. Gerora, 2011n, zakurra noiz bueltatu itxaron bitartean, trebatuz eta irudimenari hesiak zabalduz, Gure jokua kaleratu zuten: irekia erabat, estiloz estilo salto egin eta patroiei entzungor egiten ziena, lotura eza eta dibertimendua ereinez. Bi urte geroago, aldarte serioagoarekin bueltatu ziren gure orriotara eta ilgorak behar duen errespetuarekin izen bereko diskoa kaleratu zuten. Serioago eta irmoago, pop-rockari post-hardcorearen sendotasuna itsatsi zioten, ilunago batzuetan eta umore finarekin beste batzuetan. Eta zenbait urte pasata bueltan dira baztandarrak mimoz eta lan handiz prestatutako Azpisugeak diskoa jendaurrean plazaratzera. Mimoz diot, emaitza eta kantuen ñabardurak azpimarratzekoak direlako. Berako Atala estudioetan grabatua izan da Iñigo Irazokirekin eta ekoizlea Ibai Gogortza ( Borrokan ) izan da. Zinez lan eskerga egin dute guztiek. Laukotea erabat barneratu da 90eko hamarkadan sona eta arrasto nabaria utzi zuen noise-pop edo indie delakoan, ez edonola gainera. Gerora, beste askok bezala, etiketa horiek sena galdu badute ere, gutako batzuen iruditerian zizelkatuta daude distortsio, melodia bihurri, intentsitate eta energiaz betetako kantu melodiko eta bizi haiek. Eta hala egin dute, barrenak askatuz, mugak bilatuz eta batez ere disfrutatuz. Hala transmititzen dute. Itsasoen norabidea aldaraziko duen Olatua -k malenkonia, energia eta kiloko pop-rock oparia ditu bere baitan; giza-lege aldaketen salbu ez dagoen Beti berdin Ama Sayren ahaide da eta, jostari, gai da in crescendo distortsioan amiltzeko. Azpisugeak gurutzatua minimal-osoa da: Fugaziren tankerako bihozkadak zelatan irudimen handiko pop-rocka du segida. Sonik II -k guztia eman nahi du bidegabekerien kontra: psikodelia, power-popa, noisea eta kaos kontrolatua. Ederra! Lore sorta arnasa mozten duen noise-pop bizi eta kiribilkaria da. Dena argi ikusi nahi nuen rockeroena, zuzena. Uhin ertzak irlarako bidaia-laguna da, ez zaio ezer falta: askatasunean hazi eta erabat basati bihurtutako power-pop perla energetikoa. Arantzez josita gaudelako berau hauskorra da, pop malenkoniatsua. Eten zen denbora- k pop-rock jostari eta alaietatik noisearen erraietara bidea egiten du. Eta, azkenik, akustikoan interpretatutako Lumik gabeko oiloak sarkorra da.
news
argia-61df423854e3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/armentia-2-proiektua.html
Frackinga albo batera utzita ere, gasa jomugan du Jaurlaritzak
Unai Brea
2017-04-02 00:00:00
Frackinga albo batera utzita ere, gasa jomugan du Jaurlaritzak Iazko urrian jakin zen Eusko Jaurlaritza, SHESA sozietatearen bitartez, baimena tramitatzen ari dela gas putzu bat irekitzeko Subilla Gasteizen, hainbat urtez fracking bidez zulaketa egin nahi izan zen lekuan bertan. Haustura hidraulikoa legeak baztertu duen honetan, eztabaida beste esparru batzuetara lerratu da dagoeneko. Batez ere galdera honetara: onargarria da gasa bilatzeko diru publikoa inbertitzea? 2015eko ekainean EAEn frackinga erabiltzea de facto eragozten duen legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Erabaki horrek Jaurlaritzaren asmoak aldatzera behartu zuen, baina ez helburu nagusia. Abstentzioaren bidez legea onartzeari atea zabaldu zion EAJk behin eta berriz esan du haustura hidraulikoa segurtasun bermerik gabeko teknika dela gaur-gaurkoz, baina garrantzitsua dela modu batean edo bestean EAEko lurpean zenbat hidrokarburo dagoen jakitea. Tesi horri eutsi dio Lakuak ere, Arantza Tapiak zuzentzen duen Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailaren bitartez nagusiki. Hala, 2016ko urrian, Jaurlaritzaren menpeko Euskadiko Hidrokarburoak (SHESA) sozietate publikoak proiektua aurkeztu zuen Armentia-2 izeneko gas putzua irekitzeko, teknika konbentzionalak erabiliz. Proiektuaren kokapena Armentia-1 putzutik oso metro gutxira dago, lehenengo fracking bidezko zulaketa egitea aurreikusi zen lekuan, Subilla Gasteizen. Honezkero diru kopuru bat dago lan horretarako esleituta, egunotan ezbaian diren 2017ko aurrekontuetan: 4,3 milioi euro. Orotara hamazortzi milioi euroko kostua izan dezake egitasmoak. Lehengora buelta, hogei urte geroago SHESAk 1997an egin zuen Armentia-1 putzua, baina hura porrota izan zen; eskura zeuden teknikekin ezin zen ia gasik atera, hobia iragazkortasun txikikoa delako. Handik hamarkada batera gutxi gorabehera, Eusko Jaurlaritzak asmoa berritu zuen, ordurako lurpeko gas guztia ateratzea ahalbidetuko zuen teknikan itxaropena jarrita: frackinga. Geroko historia ezaguna da. Patxi Lopezen maniobra batek mundu guztia frackingaz hitz egiten hastea eragin eta bide batez haren aurkako borroka piztu zuen; azkenik, hura erabiltzea eragozten duen legea onartu zen. Erregai fosiletan diru publikoa inbertitzea zentzurik gabeko atzerapausoa da, Armentia-2 gas putzuaren proiektuaren aurka daudenen esanetan "Frackinga beharrezkoa bazen teknika konbentzionalek ez zutelako balio, nola liteke orain berriro teknika konbentzionaletan oinarritutako proiektua aurkeztea?", galdetzen dute Armentia-2 proiektuaren aurka azaldu direnek. SHESA, edo bestela esanda, Jaurlaritza, Thrive Energy enpresari 53.600 euroren truke eskatutako txosten batean oinarritzen da egitasmoaren bideragarritasuna defendatzeko, nahiz eta erabateko ziurtasuna agertu ez. "Uste dugu errentagarria izan daitekeela, baina zundatzen hasi arte ezin da ezer aurreratu", esan zuen Luis Muñoz SHESAko zuzendari teknikoak joan den martxoaren 6an Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. Momentuz, Espainiako Ingurumen Ministerioaren baimenaren zain daude. Energi eredua ezbaian Fracking Ez kolektiboa izan zen udazkenean Armentia-2 proiektuaren aurka azaldu zen lehena. "Berritasun bakarra 'fracking' hitza desagertzea da", nabarmendu zuten. Hori horrela, oposizio lana beste esku batzuetan uztea deliberatu zuten. Araban batzar irekia antolatu eta handik sortu zen Berriztu taldea. Subillako putzua geldiaraztea du helburu Berriztuk, baina ez hori bakarrik: energi ereduaz eztabaidatu behar dela uste dute, "gizarteari bide okerretik goazela ohartarazteko", taldeko kide Estitxu Villamorren hitzetan. "Gasa trantsiziozko energia garbia dela sinestarazi nahi digute, baina indarra azpiegitura horietan jartzen bada beste energia eredu batzuetan inbertitzea oztopatzen da, berriztagarrietan adibidez".  Erregai fosiletan diru publikoa inbertitzea zentzurik gabeko atzerapausoa da, dio Berriztuk. Hori da, halaber, Armentia-2 proiektuaren aurka azaldu diren Legebiltzarreko talde bik, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, darabilten argudio nagusia. 2017ko EAEko aurrekontuetan putzua egiteko aurreikusi diren 4,3 milioi euroak kentzeko eskatu dute biek, apirilaren 3an eta 4an bozkatuko diren zuzenketen bidez. SHESAren nahien aurka agertu den beste alderdia PP da, baina lerro hauek idazteko unean ez da segurua zer jarrera zehatz hartuko duten popularrek, Madrildik datorren erabakiaren zain.  Hidrokarburoen eztabaida zabalik "Ingurumen inpaktua antzekoa izango da frackingarekin edo fracking gabe", dio Estitxu Villamorrek; "nahiz eta teknikak ustez konbentzionalak izan hobia lehengo bera da, ez-konbentzionala". Horrek esan nahi du zulaketa bakarretik atera litekeen gas kopurua oso txikia dela, eta beraz operazioa ezin dela errentagarria izan putzu asko egin gabe. Lurralde okupazio handiegia eragin lezake proiektua garatzeak, Berriztuk salatzen duenez. Thrive enpresak egindako txostenaren arabera, frackinga litzateke Subillan gasa erauzteko biderik egokiena, baina hura erabiltzeko aukerarik ezean teknika konbentzional modernoek balio dezakete. Besteak beste, Balmaseda izeneko formazio geologikoa oso heterogeneotzat jotzen delako; baditu, beraz, bitarteko konbentzionalekin esploratzeko moduko aldeak. Argudio horrek ez ditu aurkariak konbentzitu ordea, ez proiektuaren errentagarritasunaz ez arrisku faltaz. Badirudi, edozein kasutan, eztabaidagai nagusia ez dela egitasmoaren balizko ingurumen inpaktua izango –horrek garrantzia izango badu ere–, hidrokarburoak bilatzeko inbertsio publikoen zilegitasuna baizik.
news
argia-c3e4a049db26
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/papuarraren-mezua-oihana-desagertuz-gero-gizadia-desagertuko-da.html
Papuarraren mezua: "Oihana desagertuz gero gizadia desagertuko da"
Pello Zubiria Kamino
2017-04-02 00:00:00
Papuarraren mezua: "Oihana desagertuz gero gizadia desagertuko da" Papua Ginea Berrikoa da munduko hirugarren oihan handiena, Amazonas eta Kongo arroakoen atzetik. Astero iristen da handik landare edo abere espezie berri baten aurkikuntzaren berri, bertako milatik gora etnia eta hizkuntzak osorik ikertu gabe daude. Eta hala ere, munduko azken paradisutzat daukaten hura zuhaitzik gabe soilduz doa, haietako zura mundu osoan saltzeko Txinan transformatuta. Martxoaren 21ean Oihanen Nazioarteko Eguna ARTE telebista frantses-alemanak ospatu du basoei lotutako film sorta eskainiz. Horien artean Frères des arbres (Zuhaitzen senideak), bigarren titulu daramana "Buruzagi papuar baten aldarria". Interneten dago ikusgai. "Munduaren hasieran ez zen ezer, isiltasuna eta gaua besterik ez. Egun batez txoriak hasi ziren kantari eta zuhaitz handiak erori lur gainera. Hurrengo goizaldean nire leinuko jendeak esnatu ziren eta geroztik naturaren erdian bizi izan dira, zuhaitzen artean. Ni Mundiya Kepanga naiz, Huli tribu papuarraren buruzagia eta basoaren enbaxadorea. Munduan zehar nabil denoi dagokigun mezu bat zabaltzen: oihana mehatxatuta dago, eta oihana desagertzen baldin bada gizadia osorik desagertuko da". Huli tribua mendi aldeko baso tropikalean bizi da Papua Ginea Berrian, Itsaso Barean Australia handiaren goiko aldean. Oihan primario bakanetako bat da, Kongo eta Amazonasekoekin batera gizakiak eraldatu gabe iritsi zaizkigunetakoa. Bertan bizi diren animalietako asko munduan beste inon ezin dira aurkitu: zuhaitzetako kanguroa, Victoria usapala, herrialdearen ikurra den Paradisuko hegaztia... Hegaztietan handiena, eta gizakiarentzako arriskutsuena haserrarazten baldin badute, 1,80 metroko altuera duen Casuariusa, indioilarraren itxura adina ostrukarena duena. Papuako Hulitarrek beren buruak dauzkate antzinako Casuarius baten oinordekotzat, haren arrautza batetik sortuak omen. Marc Dozier frantsesa da dokumentalaren beste protagonista. 20 urte daramatza Papuako oihana iruditan biltzen. Hark kontatuko dio ikusleari Papuako oihanak berak bakarrik Europa osoak baino bioaniztasun aberatsagoa daukala. 20.000 landare mota, 1.500 zuhaitz klase, 3.000 xomorro espezie, 750 gora txori. Mundiyak hosto batzuk eman dizkio Marci: "Landare magikoa da, emakumeak seduzitzeko". Oihana benetako supermerkatua da, bizitzeko behar duten guztia eskaintzen die jendeei: fruituak, aleak, hostoak, onddoak eta jateko bezala edozertarako baliagarri diren landareak, lokarriak egiteko lianak… Janari preziatuak ere bai: enbor ustelduetan hazten diren harrak, atzamarra bezain potxoloak. Mundiyak bere zuhaitz propioa dauka, amak orbel gainean erditu zuen lekuan aitak landatua. Arbola eta Mudiya senideak dira, honek besarkatzen du hunkiturik: "Ez dakit biotatik zein hilko den lehena. Baina ni hildakoan honen oinetan lurperatuko naute. Baldin eta orduan oihanik baldin bada…". Egunero milaka zuhaitz handi eraisten baitituzte Papua Ginea Berrian. Hitz egitera konbidatzen duten bakoitzean, Mundiyak erakusten ditu mapetan dagoenekoz oihanez soildutako eremuak. Huli jendea bizi den eskualdeko basoen erdia suntsitua izanen da 2021rako. Dozierrek Mundiya famatu egin du batik bat Frantzian; eskoletara eraman, du legebiltzarrera, Nazio Batuen Erakunderaino... " Papuar baten ibilerak Frantzian " liburuarekin etekin arrakastatsua atera die oihanean sortutako Mundiyak Mendebaldeko zibilizazioan eduki dituen bizipenei. Paradisua lapurrei oparitu Marcek eta Mundiyak oihanak eraisten ari diren eremu bat bisitatu dute. Han beste papuar batzuk langile ari dira baso mozketan, jornalean. Malasia, Filipinak eta Indonesiatik etorritako atzerritarrak kontratatu dituzte, mundu modernoan biziraun behar, arbasoek utzi arbola adinik gabeak botaz. "Motozerrek zuhaitzak ebakitzen dituzte banana helduak bezain erraz. Erortzerakoan arbolek garrasi egiten dute, familiari eta munduari agur esanez bezala". Papua Ginea Berrian gaur 300 kontzesio daude oihanak eraisteko . 15 milioi hektarea atzerriko konpainia handiek ustiatuak. Frantziaren heren baten tamainako eremua motozerraren eta bulldozerren esku utzia. Dokumentalean bisitatu dituzte dagoenekoz deforestatutako eskualdeak. Eta herritar triste haserretuak aurkitu: "Hutsaren truke eraman digute oihana, ez digute ezer utzi, ez eskola, ez osasun etxe, ez azpiegitura. Gure herriko boteretsuenek sinatu dituzte kontratuok. Larriena da gero edozein kexarekin jotzen baduzu konpainia horien bulegora… gure polizia aurkitzen duzula bertan, geure larruazal bera dutenak, geuk pagatuak, baina atzerritarren interesak defenditzen". Eraitsi ostean, zuhaitz erraldoiak itsasorantz daramatzate kamioi handietan. Horietatik itsasontzietara. Papua Ginea Berria munduko zura esportatzaile nagusia da . Urtero 50 milioi metro kubo enbor doaz Txinara, baina tartean paperak faltsifikatuta nazioarteko trafikoaren kontrolak engainatzeko; bitartekari malasiarrek trikimailua antolatu dute. Txinan bihurtzen dituzte ohol, lur-zoru, paper, kaxa, ate, aulki… ondoren AEBetara, Amerikako beste herrialdeetara eta Australiara saltzeko. Herritarrei merbau edo wenge zura 10 euro pagatzen diete metro kubikoa, nazioarteko merkatuan 342 euro kobratzeko. Konpainiak indartsuegiak dira herritar hain ahulentzako. Nahi adina diru daukate jendea erosteko, basogintzarako antolatu diren langile-herrixka berrietako bizimodu eroan ikusten den bezala. Botere politikoak amen esaten die denetan: 2007an Papua Ginea Berriko legedia aldarazi dute herrialdeko oihan gehienetan atzerriko konpainiek eskua sartu ahal izan dezaten. Frères des arbres dokumentalak iradokitzen du Oro probintziako gobernadore Garry Juffa dela salbuespena, legea urratuz zuhaitzak eraisten dituztenak pertsegitzen dituen bakarra. Nahiz eta irudietan agertzen duen jite autoritario demagogoak ikusleari zenbait susmo pizten dion. Oihanen beste eremu handiak oliotarako palmondoz ordezkatu dituzte. Milaka urtetako ekosistemak suntsituta, palmondo soro itzelak, eta haietan obrero papuarrak halamoduzko bizimodua irabazten, umetako oihanak galdurik. Batek Mundiyari: "Baina benetako arbolarik uzten ez badugu ez da gehiago izanen zuk buruan daramatzazun lumak bezalakoak dauzkaten hegaztirik". 900 tximeleta espezie daude Papua Ginea Berrian. " Ornithoptera Alexandrae " munduko handiena da, emeak 27 zentimetroko zabalera eduki dezake. Tximeleten esportazioa ere diru iturri dute hainbat herritarrek eta jatorrizko oihanen kontserbazioaren aldeko talde batzuek sustatzen dute, pizgarri eraginkorra direlakoan.  Baina tximeletak, Huli jendearen ohiturak eta errituetarako behar dituzten osagarri guztiak bezala, oihana bizirik atxikitzearen baitan daude. Mundiyak diotso Marc zinegileari: "Zuek zuriok, jende bitxia zarete, zuen basoak asko zaintzen dituzue, baina ez duzue errespetu bera urruti bizi garenon oihanekiko".
news
argia-064d5de3c92c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/tasunkeriak.html
Tasunkeriak
Edu Zelaieta Anta
2017-04-02 00:00:00
Tasunkeriak Argentinan egindako film bat ematen ari dira Espainiako telebista batean. Publiko guztiek ikusteko moduko pelikula da, eta mundu hispanoan zein Hegoaldeko bazterrik euskaldunenean –barka, ARGIAko irakurle hori– ezaguna dugun Ratoncito Pérez pertsonaia da protagonista.   Filma ikusten hasi zarete egongelan, etxeko bizilagun haur-helduak. Berehala ohartu zara, ongi bezatua baituzu belarri parea hizkuntza kontuekin eta hizkuntza kontuetara,  istorioko pertsonaiek ahotan darabilten espainola ez dela ozeanoaz bestaldeko Argentinakoa, Espainiako gaztelania estandarra baizik. "Ez zaizue arraroa iruditzen?", galdetu diezu sofakideei. Intuizio handiko jokaldi bat egin nahian, telebistako urrutiko agintea hartu eta, aparatuak ematen dituen abantaila teknologikoak baliatuta, jatorrizko bertsioan paratu duzu filma. Argentinera z hasi dira pertsonaiak. Une horretan, baina, espero ez zenuen matxinada txiki bat etorri zaizu: bertsio normala (sic) nahiago omen dute zure ondoan jarrita daudenek. Jatorrizko bertsioaren pedagogia egiten saiatu zara orduan. Alferrik. Fikziozko soinura itzuli zarete. Normaltasunaren eta (aipatu ez diren) beste tasunkeria batzuen izenean.
news
argia-9f0bf62c87b3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/jaurlaritzak-muturreraino-tenkatu-du-soka-eta-konfrontazio-fasea-ireki-dugu.html
"Jaurlaritzak muturreraino tenkatu du soka eta konfrontazio fasea ireki dugu"
Mikel Garcia Idiakez
2017-03-20 00:00:00
"Jaurlaritzak muturreraino tenkatu du soka eta konfrontazio fasea ireki dugu" 7-8 urte daramatzate Eusko Jaurlaritzari hezkuntzak bizi duen "egoera larria" mahaigaineratzen, urtez urte murrizketen eraginez okerrera egin duen egoera, baina ez duela negoziatu nahi kexu dira sindikatuak: "Modu kritiko baina eraikitzailean ekarpenak egiten saiatu gara, baina ez digute entzun ere egiten eta mahai guztietatik altxatzea erabaki dugu, muturreraino tenkatu dute soka eta konfrontazio fasea ireki dugu: kalera atera dugu gatazka". "Aspalditik krisia dute aitzakia, murrizketak betikotu nahi dituzte" Aitor Idigorasen (Steilas) hitz horiekin bat dator Xabi Irastorza (ELA): "Beti berdina da aitzakia, aurrekontu jakin batzuk dituztela eta horrekin jokatu behar dela, baina hezkuntzara bideratutako inbertsioa 2009an baino 162 milioi euro txikiagoa da eta adibidez AHTra bideratutakoa orduan baino 280 milioi euro gehiago. Jaurlaritzak aditzera eman nahi du ez dela posible ezer egitea, eta ez da egia, badago margena. Aspalditik krisia dute aitzakia, estatu kolpe soziala emateko eta ongizatearen oinarri diren osasungintza eta hezkuntza kaltetzeko: murrizketak betikotu nahi dituzte". "Jaurlaritzak arazo politiko bat du hezkuntzan, eta aldebakartasunez ari da jokatzen" Hezkuntzan murrizketak alboratu eta inbertsio publikoa handitzeko eskatu asmoz, greba eta mobilizazio eguna deitu dute Steilas, ELA eta LABek asteazken honetarako. "Elkarrizketara behartu nahi dugu Jaurlaritza, arazo politiko bat duelako hezkuntzan, eta aldebakartasunez ari da jokatzen, negoziaketaren ateak itxiz, eta ausardia faltaz, Espainiako Estatutik etorritako erreforma eta murrizketa guztiak aplikatzen dituelako, nahiz eta Euskal Herrian egon badagoen horrelakoei aurre egiteko nahikoa gaitasun, herri akordioak bultzatuz", adierazi digu Aitziber Perezek (LAB). Nafarroan ez dute baztertu mobilizazioei ekitea, Foru Gobernuarekin irekitako negoziazioan "pauso esanguratsuak" ematen ez badira. Murrizketen eta inbertsio beharraren gaia lehen mailara ekarri eta "mobilizazio fase indartsua eta jarraitua" antolatu nahi dute sindikatuek, egoerari buelta emateko. "Eskatzen duguna, azken finean, ez da ezer iraultzailea", azpimarratu digu Irastorzak. Eskaera horien artean, besteak beste, hezkuntza publikoko plantilla handitzea, EAEn gutxienez  2.000 lagun gehiago eta Nafarroan 900; irakasleen behin-behinekotasuna %40tik %6ra murriztea; ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua %10 murriztea; ordezkapenak lehenengo egunetik egitea; eta bajak bere osotasunean ordaintzea. Horrekin guztiarekin batera, LOMCE eta Heziberri bertan behera uzteko ere exijitu dute. EHIGE: "Ez dago Euskal Eskola Publikoaren aldeko apusturik" EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak bat egin du deialdiarekin eta mobilizazioetan parte hartzera animatu ditu familiak: "Ez dago Euskal Eskola Publikoa sistemaren ardatz egituratzaile eta bateratzailea izatearen aldeko apusturik Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Eskola publikoaren beharrak ase gabe, itunpeko sarera desbideratzen dira urtero inbertsioak", salatu dute. Sortzen: "Inor atzean utziko ez dugulako" "Haiek inposatu nahi duten uniformizazioaren aurrean aniztasunak aberasten gaituelako; haien elitismoaren eta lehiakortasunaren aurrean, kolektiboki heziz, inor atzean utziko ez dugulako; pedagogia askatzaileak bultzatuz; behetik gorako hezkuntza burujabetza praktikan jarriz; eskubide berdintasunaren balioa sustatuz; ikasle euskaldun eleaniztunak heziz; ikasleen behar afektiboa eta emozionalak kontuan hartuz; ikuspegi kritikoa duten herritar autonomoak helburu"; horregatik guztiagatik, Sortzen Euskal Eskola Publiko Berriaren Aldeko Elkarteak ere bat egin du bai 22an sindikatuek eta bai 23an ikasle mugimenduak deitutako mobilizazioekin, eta horietan parte hartzera deitu du.
news
argia-1a61d8213a5b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/ikasle-mugimendu-euskaldun-galiziar-eta-katalana.html
Hezkuntza propioaren aldeko borrokak batuta
Ane Eslava Serrano
2017-04-02 00:00:00
Hezkuntza propioaren aldeko borrokak batuta "LOMCEren xirimiriak berdin-berdin busti ditu nazio zapaldu guztiak". Hala esan digute Hego Euskal Herriko, Galiziako eta Herrialde Katalanetako ikasle mugimenduek. Hiruengana jo dugu, konta diezaguten egunerokoan nola egiten dioten aurre geldirik baina bizirik dagoen Espainiako hezkuntza legeari. "Euskal instituzioetan ez dago LOMCEri aurre egingo dion inor" Samuel Pasandin Samuel Pasandin ek 18 urte ditu, Batxilergoko Bigarren Maila egiten ari da Laudion, eta Ikasle Abertzaleak mugimenduko kidea da. Bere hitzetan, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hiru urte daramatzate LOMCE aplikatzen, baina bereziki aurten nabarituko dute Batxilergoan, kanpo-azterketak iragarrita daudelako ikasturte amaierarako. "Balio dutenen eta ez dutenen arteko bereizketa egin nahi dute, sistemarentzat probetxugarri ez diren horiek baztertzeko asmoz", dio Pasandinek. Mehatxuari aurre egiteko bidea desobedientzia dela dio: "Errebaliden lehen urtea izanda, desobedientzia lantzeko aukera daukagu, eta orain ixten badizkiegu ateak, agian datozen urteetan datorrenari aurre egiteko bide berriak ireki ahal izango ditugu". Arazoa, ordea, ez da kanpo-azterketekin amaitzen, Madrildik inposatutako legeak beste zenbait ondorio eragingo ditu-eta: Lanbide Heziketaren eta unibertsitatearen arteko hautua goizegi egitea, Filosofia bezalako irakasgaiak desagertzea, Erlijioko notari balioa ematea, Euskara espezialitate izatera pasatzea... Horregatik, tentuz ibiltzeko beharra azpimarratu digu, sarri kanpo-azterketak modu isolatuan planteatzen direlakoan. Akats horretan ez erortzeko bidea "hezkuntzaren problematika integralki hartzea" dela iritzi dio, "sistema osoa errotik aldatzeko". Etorkizuna ez du argi ikusten Samuel Pasandinek: "LOMCE aplikatzen ari dira eta instituzioetan ez dago inolako subjekturik hori gelditzeko asmoz, legeak bere alde du dena". Horren aurrean, ikasle mugimenduak borrokan jarraituko duela ziur da, ikasleen beharrak asebeteko dituen hezkuntza sistema lortzeko: "Askatzailea, bertakoa eta eduki propioekin".   "Galegoaren normalizaziorako bidea oztopatzen du" Iria Figueroa Iria Figueroa k 20 urte ditu, Kazetaritza ikasten ari da eta Erguer Estudantes de Galiza sindikatuko kidea da. Argi du lege hau Galizia nazio moduan zapaltzeko tresna dela: "Geure nazioaren eduki propioak kentzen ditu, uniformizazioa bilatuz, ezinezkoa izan dadin herri honen errealitatea eta historia transmititzea". Bereziki kezkatuta azaldu da hizkuntzak pairatu ditzakeen ondorioekin: "Galegoaren normalizaziorako bidea oztopatzen du". 2009. urtera arte, indarrean zegoen hizkuntza normalizaziorako legeak galegoari gaztelerari baino ordu gehiago eskaintzen zizkion. Alverto Nuñez Feijoók Xuntaren presidentzia hartu zuenean, ordea, galegoaren orduak murriztu zituen, ingeleraren mesedetan. Eta LOMCE "are bortitzagoa da", indarrean dagoen dekretu minimoa ere urratzen baitu. Galegoaren normalizazioa lortzeko, gizartean duen presentzia handitzea eta horretarako hezkuntzaren bitartez bultzatzea funtsezkotzat du. "Baina egiten duten gauza bakarra zein da? Galegoa erasotzea". Dioenez, Galiziako Xuntak beraiekin ez du ez kolaboraziorik, ez komunikaziorik. Ikasle mugimenduak determinazioa eskatu dio Hezkuntza Sailari, baina erantzuna "erabateko isiltasuna" izan da. Erguer Estudantesek otsailean grebara deitu zituen ikasleak, eta Hezkuntza Sailak greba ez bultzatzeko deia egin zuen. "Jarrera larria", Figueroaren ustez. "Grebarako arrazoirik ez zegoela esan zuten, negoziazioa Estatuan ematen ari zelako. Xuntak bizkarra eman dio hezkuntza komunitateari". Galiziako ikasleek duela urtebete sortu zuten Erguer sindikatua, pedagogiaren bidez LOMCE deseraikitzeko xedez. Sindikatuaren lehenengo urratsak gogorrak izan direla kontatu du Iria Figueroak, baina buruturiko ekimenetan arrakasta lortu dutela, eta antolaturiko erreferendumean adibidez, legearen aurkakotasuna garbia izan zela. Eskakizuna ere argi dute: "Bertako lege bat, gure benetako arazoak jorratuko dituena, hezkuntza komunitatearekin elkarlanean egindakoa eta hizkuntzaren normalizazioarekin konprometitua".   "Gobernuarekin negoziazio mahaia osatzea da aurtengo apustu handia" Andrea Terron Andrea Terron ek 21 urte ditu, Zientzia Politikoak eta Zuzenbidea ikasten du Pompeu Fabran, eta SEPC Sindicat d'Estudiants dels Països Catalanseko kidea da. LOMCEk Herrialde Katalanetan eragindako kalteei buruz mintzatzean, pribatizazioan jarri du fokua: "Legea aplikatzen hasi zirenetik ikastetxe kontzertatuen kopurua asko handitu da eta zentro hauek askotan Opus Dei bezalako instituzioetara lotuta daude". Instituzio horien presioaren eraginez, ikastetxeen demokrazia ezabatu egin dela dio. "Lehen eskola kontseilu parekideak zeuden, eta orain berriz, enpresa kontseiluak". Horrek "segregazioa, ikasgai kritikoen murrizketa eta hizkuntzaren atzerakada" ekarri du. Katalana orain hautazkoa da eta gaztelera aldiz, derrigorrezkoa. Gaur egun gaztelania hutseko bi ikastetxe baino ez dauden arren, LOMCErekin ugaritu egin daitezke. Generalitatea legearen aplikazioa luzatzen saiatu dela dio Terronek, baina azkenean ezarri duela. "Ondorio minimoak izango dituela diote, baina dagoeneko nabaritzen dira". SEPC ikasle sindikatuaren bitartez egiten ari diren lanketarekin pozik azaldu da: "Inoiz baino indar gehiago dugu orain". Hilabete bakarrean bi ikasle greba egin dituzte eta jarraipena erabatekoa izan da. Eskariak, honakoak: eskolen barne demokrazia berreskuratzea, curriculuma bertan erabakitzea, katalan hutsean ikasi ahal izatea eta eskola baztertzaileei diru-laguntzak kentzea. Aurrerantzean etorriko dena ez du argi. Kalean erakutsi duten indarraren emaitzen zain, Gobernuarekin negoziazio mahaia osatzeko asmoa dute: "Ikasturte honetako apustu handia da". Lortzekotan, Kataluniako autodeterminazio prozesuarekin lortuko dutela azaldu du, eskaerak ildo beretik doazelako eta LOMCEren atzean "interes politikoa" dagoelako: "Espainiako Gobernuak bere interesen araberako politikak inposatzeko darabilen arma da Kataluniako hezkuntza, eta hori saihestu behar dugu".
news
argia-2ad9c99b90ed
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/maider-lopez.html
Errealitatearekin jolasean
Xabier Gantzarain
2017-04-02 00:00:00
Errealitatearekin jolasean 2015eko udazkenean, 40 urterekin, etxera bueltan zen Maider Lopez (Donostia, 1975eko martxoaren 22a), erakusketa zeukan Koldo Mitxelenako aretoan, azken hamar urtetako lanen halako errepaso bat. Ez atzera begirakoa inondik ere, baina bai bere lanak harremanetan jartzeko modua, osotasun batean ikusteko, konstanteak antzemateko, jaidurak nabaritzeko. Hauxe idatzi zuen Fulya Erdemcik: "Gauzen ordena zertxobait aldatzen, mugitzen edo alteratzen denean gertatzen dena ikusaraziko digu Maider Lopezek. Eguneroko bizitzarekin, inguratzen gaituzten espazioekin edo pertsonen arteko harreman arruntekin loturiko xehetasun txikien bitartez, gure begiak gauzen egiturara edo ordenara zuzenduko ditu. Hala, guztiak direla ahulak eta beste modu batera ere izan litekeela ulertaraziko digu". Ataskoa sortu zuen Intzan, toaila gorriz bete zuen Itzurun, futbol txapelketa bat antolatu zuen polderretan. Eraldaketa sinpleak denak ere, sotilak, baina ikusgarriak aldi berean. Gure errealitatea, hain egoskorra eta sendoa dirudiena, aldakorra eta arola da zeharo. 2016ko urtarrilaren 23an inauguratu zuten Iturriak , Europako Kultur Hiriburutzaren inaugurazio-programaren barruan. Ondarretako jardinetan jarri zuen instalazioa artistak: kaletik erretiratutako 13 iturri. Ez da ohikoa: Koldo Mitxelenako erakusketan, instalazioa bera jarri aurretik, Iturriak instalazioa prestatzeko erabilitako dokumentazioa erakutsi zuen artistak: zein ziren 13 iturriak, horiek kentzearen arrazoia eta urtea, bai eta haien kokapena zein zen ere. Bestela neurtzen zailak diren kontuak dira: urbanismoak gure bizitzetan duen eragina, espazio publikoak jendea egiteko daukan ahalmena, pertsona eta kolektibo gisa nola eraikitzen gaituzten alegia.
news
argia-ac9327ac4c44
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/argia-jendearen-ekarpena-kimutx-proiektua.html
Argia jendearen ekarpena: Kimutx proiektua
Itsaso Zubiria Etxeberria
2017-04-02 00:00:00
Argia jendearen ekarpena: Kimutx proiektua Gurasotasunaz hitz egiteko ez naiz egokiena izango, azal horretan jarri gabekoa bainaiz; baina gurasotasun premietatik abiatutako proiektua da Kimutx, eta badu ARGIArekin lotura berezia. Baina ezagutu ezazu lehenengo proiektua, eta gero kontatuko dizut lotura irakurle. Haurren heziketan egunerokotasunean sortzen diren zailtasunak lantzeko beharra ikusita jarri zen martxan proiektua 2012an, borondatezko lana ardatz.     Suertatzen diren egoera desberdinak musikatik gozatzearen bideari heldu zioten lehendabizi, abestiekin. Kimutxek beti izan du, ordea, bizi garen herriaren eta honen kulturaren presentzia. Maitasunez eta maitatzeko egindako materiala osatu dute azken bost urte hauetan, ulertuta haurrek modu erakargarrian entzun eta sentitutako gauzak maitatu eta errespetatuko dituztela, gure kultura kasu, eta inguruan duena maitatuz bestelako kulturak balioesteko aukera aberatsagoa izango dela.     Abestiekin martxa hartuta heldu ziren ondotik ipuinak eta irudiak. Abestiekin transmititzen da maitasuna, eta maiztasunez erabiliz garatzen du haurrak ere memoria eta erritmoa. Ipuinak euskal mitologiara gerturatu dituzte ondare kulturala transmititu eta balore garrantzitsutzat dituztenak bertan txertatuz. Irudien edo txotxongiloen bitartez haurrek irudimena landuko dute eta bai gurasoari eta bai umeari aukera zabala irekiko zaio jolas egin, ikasi eta gozatzeko. Baina hau guztia nondik nora lotzen da ARGIArekin? Galdetu duzu honezkero, irakurle. Bada egiteko modua bera, filosofian bat egiten dugu: auzolanean egindakoa, euskaraz, irekia... www.kimutx.eu webgunea sortu zuten lehendabizi material hau guztia biltzen eta zabaltzen joateko. Ondoren etorri zen euskarri fisikoa. Baina argi zuten baliabide gutxirekin eta lizentzia librean egindakoa izango zela, hau da, edonorentzat irekia izango zela proiektua.     Kaleko denda batzuetan salgai egon ondoren, orain denak ARGIAren dendan jartzea erabaki dute, eta salmenten irabazia ARGIArentzat izatea. ARGIA jendea izateko beste modu bat da hau: ez da beharrezkoa harpidetzarik egitea, baina Kimutxek duena eskaini digu gure filosofiarekin bat egiten duelako. Dagoeneko ARGIAren dendan topatu daiteke Kimutx: ARGIA jendearentzat 18 euroan, gainerakoentza 16euroan. Mila esker Kimutx, geroz eta ARGIA jende gehiago gara.
news
argia-0f336abd98cf
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/isabelle-sentis-historia-lesbianengandik.html
"Garrantzitsua da fabrikatu gaituenaz kontzientzia hartzea"
Jenofa Berhokoirigoin
2017-04-02 00:00:00
"Garrantzitsua da fabrikatu gaituenaz kontzientzia hartzea" Historialaria da Sentis. Historialaria, aktibista, feminista eta lesbiana. Unibertsitatetik kanpo, nahiago du herri ikerketaren bidez historia ikertu, horizontaltasunari lotua. Emakume eta lesbianak ikusezin bihurtzeko mekanismoaz kontzientzia harturik, deseraikitzen eta beste historia bat idazten ari da. Bidea oraindik luzea izan arren, baikor begiratzen dio geroari ikerlari frantziarrak. Emakumeak ez dira historiaren subjektu, are gutxiago lesbianak. 70eko hamarkadako emakumeen mugimenduak azaleratu zuen ikusezin bihurtzeko mekanismo hori. Historia emakumeengandik begiratzen jarri ziren. Gu ere horretan gabiltza, belaunaldi berri gisa, aitzinekoen ekarpenei gure perspektiba eta nozio berriak gehituz. Bidea luzea da, baina hobetuz doa egoera. Usu gu geu gara ikusezintasunaren eragile, deseraikitze kolektiboa zein indibiduala dugu oraindik egiteko. Nola burutzen da ikusezintasuna? Hasteko, bere arau erabat patriarkalekin frantses hizkuntzak ikusezin bilakatzen ditu gertakizun batean egondako emakumeak. Historialari eta militante batzuek ere memoriaren moldaketan parte hartzen dute, zapalkuntza-eskemak erreproduzituz. Historien hierarkizazioa salatu ohi duzu. Historia idazten duten instituzioek egin ohi dute, baina baita gertakizun baten arrastoak esku artean dituztenek ere. Gainera, lekukotasunik uzten ez duten ala oso gutxi uzten duten emakume anitz daude oraino, haien ustetan "baliogabea" edota "naturala" delako. Kontzientziaziorik ez izanki, historiak biltzen ari direnen partetik ez dira galdekatuak. Garrantzitsua da norberak bere kokaguneaz kontzientzia hartzea, fabrikatu gaituenaz kontzientzia hartzea.  Coming out -ak badu garrantzia. Heterosexismoaren aurka borrokatzeko ezinbesteko armak ditugu goraki errate horiek. Historia idaztean, sindikalista ala antifaxista bat lesbiana zela zehaztu eta "zergatik diozu hori?" galdetu ohi digute. Ez dira ohartzen esaldi horrekin etengabean produzitzen ari garen heterosexismoari oztopo egiten diogula. Hala ere, neurriz nabil, ikusirik 40-50eko hamarkadetako emakumeek ez zutela "lesbiana" hitza erabiltzen. Hizkuntza izugarria da, giltzatzen gaitu, zapalkuntza-sistemaren eskuetan da. Izaera heterosexuala, haatik, sistematikoki planteatzen da. Heterosexualek ere dute heteronormatibitatearen kontra borrokatu behar. Historia aztertzean jendeen arteko harremanei so egiteko joera bada. Hor ere normak diktatu harremana da  kontuan hartzen, beste forma bat duten harreman amoros, afektibo, erotikoak ezabatuak dira. Kontu pribatutzat hartuak dira, edo epaitzen dira, edo ez dira aipatzen. Pribatua politikoa dela ohartarazi behar dugu oraino, matrize horien deseraikitzea ez delako egina.  Beste historia batzuk ditugu historia ofizialaren bazterrean. LGBTentzat ere horrela dea, jakinik luzaz eta oraino anitzek dutela haiena isiltzen? LGBTen historia bat badela erran nezake. Intimoarekiko harremana ezberdina izaten da kulturen arabera. Frantziari dagokionez, adierazteko bidean oraindik egitekoa bada. Baina haiena bizitzeko borrokak eta sareak egin zituztenak ere badira. Horien berri ukaiten hasten gara, armairutik ateratzen hasten dira. Sentsibilizazio lan handi baten emaitza da. Bere homosexualitateari buruzko testigantza plazaratu zuen Pierre Seel laguntzeko aukera ukan nuen. Solas homofoboez sumindurik, lekukotasuna emateko urratsa egin zuen. Homosexuala izateagatik deportatua izan zen 1941ean. Bizirauteko estrategia gisa, bikote heterosexual batean bizi izan zen. Urteak eta elementu askatzaile berezi bat behar izaten dira urratsa emateko. Batzuek diote ez zela homosexuala izateagatik nehor deportatu Frantzian. Konplexua da afera. Sexualitateei buruzko soak konplexuak dira. Foucaultek zioen gisara, dena da behatua, normak daude, kodeak, debekuak... Gerla garaian sexualitateak traumatikoak izan daitezke, bortizkeria anitz delako. Bizirauteko estrategiak planteatzen dira. Tabuak ere badaude, ahantzi edota gorde nahi diren bizipenak. Aitorpena nola egin, galdera hori ere hor da. Gainera, errealitate ezberdinak ziren, herritartasunaren eta egoera politikoaren arabera. Ehun bat gizon lirateke deportatuak izan homosexualitateagatik. Beste batzuk pertsegituak izan ziren homosexualak izateagatik eta deportatuak beste arrazoi batengatik. Lesbianei dagokienez, zer dakigu? Estatuek ideia argia zuten: ezer ez erratea, ez existitzeko gisan. Austriak zigortu zuen emakumeen arteko homosexualitatea, beste herriek ez. Lesbiana beste arrazoi batzuengatik zen pertsegitua: "asoziala" zelakoan, "moralitatearen izenean", familiaren baloreekin ez zelakoan bateragarria. "Lesbiana" hitza inoiz ez zen agertzen, baina errepresio-mekanismoa hor zen. Morala zabala eta partziala da. Ikaragarrizko errepresioa zen, hitz batzuei segiz presio ikaragarria burutzen zutelako. Garaian erditzen zen emazte heterosexual ezkondua zen norma, besteak zigortzekoak ziren. Historia hori idazten ari gara. Funtsean, QueerCode gune numerikoan biltzen ari gara Bigarren Mundu Gerlan emakume zisgenero eta transgenero lesbianek bizi izandakoa. Zaila dugu, artxibo iturri anitz ez direlako gehiago existitzen eta lekuko gehienak zenduak direlako.
news
argia-6588e12bdfd6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/ingelesez-ez-mesedez.html
Ingelesez ez, mesedez
Jon Aranburu Artano
2017-04-02 00:00:00
Ingelesez ez, mesedez Xabier Montoiaren kontzertuaren kronika. Izenburua: No english, please. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Martxoaren 19an, iluntzeko 19:00etan. Igande iluntzea. Etxerako gogo gehiago, kalerako baino. Xabier Montoia zetorren, ordea, eta joan beharra zegoen. Norbere buruari esan: "Merezi izango dik". Jantzi beharrekoak jantzi, eta kalera, gorputzak eskatzen zuenaren kontra. "Nori bururatu zitzaioan igandetan ere kontzertuak egitea?", "Igandeek ere balio ditek kontzertutarako?" Galdera horiek ere, buruan.     Azken aldiko formazioarekin etorri zen gasteiztarra: Ibon Rodriguez gitarran eta pianoan, eta Itziar Lertxundi celloan lagun zituela. Baina errepertorioa ezohikoa zen, Izar & Star ziklorako bereziki prestatutakoa, bere kantuz eta bertsioz osatua. Eta bertsioak ere, irizpide jakin bati lotuak: ingelesez ez beste hizkuntzatan, batez ere anglofonoa den eszena baten ifrentzu modura edo. Kantatu zuen gazteleraz, katalanez, portugesez, alemanieraz, galegoz, italianoz, eta, noski, euskaraz; ingelesa, izenburuan besterik ez No english, please.     Oihanederreko sarrerara sartu nintzenerako jotzen ari zen taldea: Ruben Bladesek Hector Lavoerentzat idatzitako El Cantante-rekin ari ziren, eta gerora jakin nuenez honekin hasi ziren, nahita. Halaxe zioen entzun nien lehenengo esaldiak: "Hoy les dedico mis mejores pregones". Intentzioak, argi.     Segidan etorri ziren Aspaldiko Danborrak jatorrizkoan: trip-hop kutsukoa, konponketa berriarekin; Bertolt Brecht eta Kurt Weill-en Die Moritat von Mackie Messer, ni bezalakoentzat Mack the Knife zena ordura arte; erromantze galego dotore bat; oraindik kaleratu gabeko pare bat kanta; Maria del Mar Bonet-en Merce dotorea, formatu honetan are dotoreago egin zitzaidana, eta beste hainbat. Amaierako Zugan Gogoa klasiko dantzagarrira arte, horrelaxe: bertsioa, kantu propioa, bertsioa...     Dagoeneko hiruzpalau formatutan ikusia nago Montoia: garai bateko superbandarekin, aurrena Ni ez naiz... aurkezten, Gaztetxean: bi gitarraren laguntzarekin, Hala Bedi Tabernan; gitarra bakarrarekin, IBUn; eta azken formatu honekin, pare bat aldiz. Eta denetan ongi, gustuz. Sekula ez da izan lehen lerrokoa, areto handiak erdi betetzekoa ere ez; baina zaleon pozerako isilik gelditzekoa ere ez da izan, ezta formula batean egonkortu eta bertan goxo egitekoa ere.     Izan zen esan zuenik lekua ez zela egokiena, oihartzun gehitxo zegoela eta ez zela behar bezala entzuten. Ados, ez da kontzertu areto bat, jauregi baten patio handi sabai altuduna baizik. Ez zen eraiki propio horretarako; baina zer nahi duzue esatea, niri gustatu zitzaidan: ematen zion halako oihartzun bat, cello-gitarra-ahots konbinazioari on egiten ziona.     Igande iluntzeko gorputz nekosoari, buru motelduari ezin hobeto etorri zitzaion emanaldia. Astea amaitzeko edo hasteko, "pa pa ra ba pa pa" ezpainetan izatea baino hoberik ez da.
news
argia-5ae9fe300ecb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/euskara-ikasten.html
Doakotasuna agenda politikoan
Onintza Irureta Azkune
2017-04-02 00:00:00
Doakotasuna agenda politikoan Betiko aldarrikapena da: herritarrek euskara doan ikasteko aukera izan dezatela. Gauzatzetik urrun dago, baina badirudi EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2017-2018 ikasturtean pauso sendoa emateko asmoa duela: B2 mailara arte doan izango da. Horretarako baldintza ordea, ez da askoren gustukoa: matrikula ikasleak ordaindu behar du eta azterketa gaindituz gero soilik itzuliko zaio dirua. Euskal Autonomia Erkidegoan, gaur egun,  euskara ikasteko beka eta diru-laguntza sistema konplexua dago. Esan nahi da ez dagoela batasunik eta udal, foru aldundi eta Eusko Jaurlaritza mailako diru-laguntzak daude. Bakoitzak bere irizpideak ditu. Lasai asko gerta daiteke udalerri batean doan ikasteko aukera izatea eta beste herri batean ez. EAJ eta PSE-EE alderdiek gobernu itunean doakotasuna jaso dute. Iragarri dute B2 mailara arteko bidean doakotasuna lortzeko lan egingo dutela eta HAKOBAn (Herri Aginteen arteko Koordinaziorako Batzordea) prozesua lantzen ari direla. Hainbat alderdik eta euskaltegi pribatu homologatuk doakotasuna beste era batera ulertzen dute. Gobernuko bi alderdiek egin duten iragarpenak zera esan nahi du: ikasleak matrikula ordainduko du, gero dagokion mailaren azterketa egingo du eta gainditzen badu dirua itzuliko zaio, eta bestela ez. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 1.250.000 euro bideratuko ditu pauso horiek emateko. Azterketan pot eginez gero ordaindu egin behar? Euskaltegi pribatuen sektoreak eta hainbat alderdik ontzat eman dute gobernuak doakotasunean pausoak emateko ireki duen bide berria, baina hainbat irizpiderekin ez daude ados. EH Bilduk martxoaren 9an legez besteko proposamena aurkeztu zuen euskara ikasteko doakotasunaren bidean urratsak emateari buruz. Alderdiaren ustez, EAEko herritarrek bi hizkuntza ofizialak ikasteko aukera izan behar dute eta ez da hala gertatzen, euskararen ikas prozesuak kostu ekonomiko adierazgarria duelako. Onartzen du herritarren ahalegin ekonomikoa arintzeko bideak badirela, beken eta diru-laguntzen bidez. Laguntza ekonomikorako sistema anabasa dela dio, eta sistema bateratzea eskatu du. Hiru eskaera zehatz egin ditu alderdiak. Batetik, 2018-2019 ikasturtetik aurrera diru-laguntza sistema bateratua, unibertsala eta berdintasunezkoa izan dadila, eta beraz C1 mailara arte (maila hori barne) ikasketa prozesua doakoa izan dadila. Bestetik, ikasturtea doan izateko baldintza ez dadila izan azterketa gainditzea, baizik eta helburua izan dadila euskarazko komunikazio gaitasuna lortzea eta eskola orduen aprobetxamendua. Hirugarrenik, urrats horiek diseinatzeko eta erabakitzeko administrazio publikoekin eta sektoreko eragileekin elkarlanean aritu dadila Eusko Jaurlaritza. Podemos-Elkarrekin alderdiak ere doakotasuna ez du lotu azterketa gainditzearekin, ikasleek konpromiso mailak lortzearekin eta asistentziarekin baizik. Lanbide, lehen urratsak ematen Euskal Enplegu Zerbitzuan, Lanbiden, ez da egon euskara ikasteko edo eskaintzen dituen prestakuntza ikastaroak euskaraz egiteko ia aukerarik. Atea pixkatxo bat ireki da 2016-2017 ikasturtean. HABEk eta Lanbidek hitzarmena sinatu zuten eta horri esker hainbat langabek euskara ikasteko aukera izan dute. Hiru alorretan, hau da, merkataritzan, ostalaritzan eta gizartearentzako zerbitzu sozio-sanitarioetan izena eman zuten langabe guztiei, matrikula orriaren bidez, euskara ikasteko aukera eman zitzaien. Hiru alor horiekin abiatzea aukeratu zen, hain justu, lanean hizkuntzak erabiltzeko aukera ematen dutelako. Hitzarmenaren ondorioz 92 lagunek eman zuten izena eta orain euskara ikasten ari dira. A1, A2, B1 eta B2 mailetan ari dira ikasten, Araban 15 herritar, Bizkaian 53, eta Gipuzkoan 24. Eusko Jaurlaritzaren asmoa 2017-2018 ikasturtean Lanbiden izena emanda dauden langabetu guztiei euskaltegietan euskara ikasteko aukera ematea da. Donostiako Amara Berri euskaltegiko ikasleek doakotasunaren aldeko aldarrikapenean parte hartu nahi izan dute. Argazkia: Dani Blanco. EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztua du Eusko Legebiltzarrean Lanbidek sustatzen dituen prestakuntza ekintzetan bi hizkuntza ofizialak berdintasunez integratzeari buruz. Koalizioak kritikatu du Lanbidek ehunka ikastaro sustatzen dituela langile eta langabetuentzat, eta euskarazko edo euskararen bidezko ikastaroak "urriak eta anekdotikoak" izan direla. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak hainbat ikastarori buruz galdetu zionean, Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuak honela erantzun zion 2016ko abenduaren 20an: "Ikastaro horietako bat bera ere ez da euskaraz egin". Ikastaroak euskaraz ezin ziren egin, baina Lanbideren eta HABEren arteko akordioaren bidez euskara ikasteko eskolak jasotzeko aukera bazegoen, ohiko curriculumetik kanpo eta beraz eskola orduetatik kanpo. EH Bilduk kritikatu duenez, Lanbideko ikastaroetan lanari lotuta ingelesa ikas daiteke, baina ez euskara. Adibidez, taberna zerbitzari izan nahi duenak bere formakuntzan ingelesa ikasteko modulua dauka, euskarazko modulua berriz ez. Ondoko egoerak ere deskribatu ditu koalizioak legez besteko proposamenean: "Jendearentzako arreta" izeneko ikastaroak daude hainbat hizkuntzatan; "Komunikazioa katalanez" eskaintzen da; eta ingelesa A1 mailan hasi eta C1 mailara arte ikas daiteke. Euskaraz ez dago horrelakorik. EH Bilduk gogoratu du EAEko Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen dekretuak dioela langileek eskubidea dutela Enplegurako Lanbide Heziketa EAEko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan jasotzeko.     Mertxe Mugika, AEK-ko koordinatzaile nagusia "Eskatzen dugu doakotasuna ez egotea emaitza akademikoari hain lotua" Korrika betean harrapatu dugu Mertxe Mugika. Lanpetuta, baina euskaltegi pribatuen aldarrikapen historikoez hitz egiteko prest: ikasleek doan ikasteaz eta euskaltegiek finantzazio egonkorra edukitzeaz. Biribilgunean bueltak emateari utzi eta hitzetatik ekintzetara igarotzea eskatu du AEK-ko koordinatzaile nagusiak. EAEn Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza aldatu da. Egon al zarete beraiekin, eta zer esan diezue? Aurreko ekipoari esandako gauza berberak esan dizkiegu. Urte asko daramagu eskatzen helduen euskalduntze alfabetatzearen, eta batez ere gure moduko euskaltegien, hau da, ekimen sozialeko euskaltegien egoera normalizatzeko. Ea legealdi honetan neurriak jartzen diren eta biribilgunean bueltak emateari uzten diogun. Beraien esanetan ere, horren beharra dago. Guk gobernu itunean agertzen dena aintzat hartu dugu. Gobernu itunak dio B2 mailara arte euskara ikastea doakoa izan behar dela. Guk diogu esanetatik ekintzetara pasa behar dela. B2ra arte doakoa izateko baliabideak behar-beharrezkoak izango dira. Ez da oso seinale ona gobernu berriari gauza berak esaten ibiltzea. Aldaketa badago bai gobernu itunean baita EAJren programan ere. Alabaina, aurreko legegintzalditik datozen gaiak dira. Doakotasuna agenda politikoan sartu behar dela esaten aritu gara azken urteetan eta gobernu itunean B2ra arteko doakotasuna jasota zegoela jakin genuenean esan genuen: "Lortu dugu guk proposatutakoa aintzat hartzea". Aurreko legealdian, ekimen sozialeko euskaltegien egonkortasuna lortzeko bidean, euskaltegi estandar baten kostua kalkulatzeko lana ere egin zen, nahiz eta dokumentu hori ez dugun ezagutzen oraindino. Beraz, lan batzuk abiatuta zeuden. Koalizio gobernuan EAJ eta PSE-EE daude. Bigarrenak hauteskunde kanpainan ez du preseski euskararen aldeko keinu politik egin. Koalizioan eragingo duela uste al duzu? Ez dugu uste kanpainan erakutsi duen jarrera gailenduko denik. Horrelako diskurtsoek ez dute lekurik, kalean beste jarrera batzuk daude, eta euskararen aldekoak dira, nahiz eta erreakzionarioak egongo diren. Lan Eskaintza Publiko bat dagoenean jendea normaltasunez dator euskaltegira hura prestatzera, onartuta dagoelako lanpostu batera heltzeko euskara beharrezkoa dela. Arartekoak gomendioa egin du, hau da, Lanbidek ere euskara eskaini behar duela, lana aurkitzeko bidea zabaltzen duelako. Batzuentzat konfort egoeratik mugitzea zaila izango da, baina olatuak beste norabaitera eramaten gaitu. Une honetan 30.000 herritar euskara ikasten ari da. Kopuru horrek erakusten du gizarte honek euskara behar duela, lanagatik, euskaraz bizi nahi dutelako, inguruak eraginda euskara erabiltzera bultzatuta daudelako. Sarritan ez dago beharkizunik. Beraz, PSE-EErena bezalako diskurtsoak, eta doakotasunera heltzea adibidez, ez datoz bat. Argazkia: Dani Blanco. Ikasleek euskara doan ikasi ahal izatea urtetako aldarrikapena da. Zer dago egina eta zer geratzen da egiteko? Aldarrikapen historikoa da. Pausoak eman dira. Hala ere, sekulako anabasa dago. Ikaslea non bizi den beka edo diru-laguntza sistema aldatzen da. Esate baterako, EAEko ikasle batek, datutegian badago eta maila bat gainditzen badu, beka dauka. Bizkaiko Foru Aldundiak beste sistema bat dauka, ikasleak azterketa gainditzen badu hurrengo mailako matrikula ordaintzeko erabili behar du beka, bestela galdu egiten du dirua. Arabakoa beste modu bat ari da prestatzen: diru-laguntza ez du lotuko emaitzarekin, baizik eta izena ematearekin eta eskoletara joatearekin. Gipuzkoakoak beste modu bat dauka, udal bakoitzak ere berea dauka... Sekulako anabasa, eta hala ere, sistema guztiak ongi etorriak dira. Beka sistema ordenatu behar da. Sistemak bidezkoa, berdintasunezkoa eta unibertsala izan behar du. Ikasleak ordaindu beharrekoa mugatu egin behar da, bai ala bai. Tasak ezarri daitezke, denei berdin eragiteko, udal euskaltegien matrikulazioak merkeagoak baitira, adibidez. B2 mailara arte doan izango da baldin eta azterketak gainditzen badira, bestela ez. Emaitza akademikoari hain lotua ez izatea eskatzen dugu. Herritar batzuek matrikula ordaintzeko ere (nahiz eta azterketa gainditutakoan dirua itzuli) zailtasunak dituzte. Azken finean, euskaltegien helburua zein da, tituludunak ateratzea edo euskaraz egunero biziko diren pertsonak ateratzea? Guk euskara erabiltzaileak izatea bultzatu behar dugu eta ez tituludunak edukitzea. Titulua berez ez da ez ona ez txarra, baina helburua barik bitartekoa izan beharko luke eta horrelako neurriek sarri horretara eramaten gaituzte, helburua titulua bihurtzea. Guk ez dugu esaten inondik inora "ate irekiak" egin behar denik, baina sistema bat baino gehiago dago aukeran eta diru-laguntzak ordenatu behar dira. Lanbide hasi da euskara ikasteko aukera ematen. Prestakuntza lerro handia dauka eta orain arte euskara ez da egon. Orain sinatu dute  hitzarmena Lanbidek eta HABEk. Espero duguna da datorren ikasturtean Lanbiden erregistratutakoek nahi duten euskaltegian izena emateko eta doan ikasteko aukera izango dutela. Gainera, hasierako pausoak ondo pentsatuta zeuden, erabilerari lotuta, hau da, besteak beste ostalaritzako eta merkataritzako ikasleei begira. Euskaltegi homologatuen urtetako beste aldarrikapena  finantzazio egonkorra da. Eusko Jaurlaritzaren bidez kostuen %70 estaltzen duzue eta %80ra iritsi nahiko zenuketela diozue. Denei pelikula bera kontatzen diegu. Helduen euskalduntze alfabetatzea bi zatitan banatuta dago, udal euskaltegiak eta ekimen pribatuko euskaltegiak. Udal euskaltegiek eskaeraren %30 hartzen dute eta besteek gainerakoa. Bien artean dagoen aldea izugarria da, bai langileen lan baldintzetan baita ikasleek ordaindu behar duten matrikulan ere. Baina zerbitzu bera ematen dugu, eta zerbitzua ez da heltzen leku guztietara, hau da, hiriburuetan ez dago udal euskaltegirik. Alde batetik, bai ala bai parekatu egin behar dira euskaltegiak. Udal euskaltegietan eskola ordua 74 eurotan dago irakaslearentzat eta ekimen sozialekoetan 37 eurotan. Amildegia konpontzea eskatzen dugu, ez udal euskaltegietakoei kopuruak jaistea. Bestetik, diru-laguntza kontzeptua gaindituko duen zerbait egon behar da, ikastetxeekin, EITBrekin, unibertsitatearekin egiten den bezala. Ezin gara ibili urteko aurrekontuei edo garaian garaiko gobernuei begira. Doakotasunaz eta finantzazioaz hitz egin dugu. Zein beste aldarrikapen duzue? Euskara mailaren egiaztatze sistema ondo garatzea nahi dugu, eta horrek lotura zuzena dauka eredu pedagogiko eta didaktikoarekin. Inbertsioak bideratu behar dira arlo pedagogiko eta didaktikora, ikasteko moduak eraldatzen doaz. Alor hori oso landua zenutela uste nuen. Bai administrazioarekin ari garenean bai kanpora begira, sarritan euskaltegiok ematen dugun irudia finantzazioarena edo diruarena da, eta pedagogian egiten ari den lan guztia faltan sumatzen dut. Orain Korrika gora eta behera gabiltza, baina aukera daukadan guztietan gustatzen zait arlo pedagogiko eta didaktikoa aipatzea. Beste erronkarik? Euskalgintza orokorrean hartuta, denbora askotxo daramagu elkarlana hitzaren atzean, eta gu horren bultzatzaile nagusietako bat izango gara, baina uste dugu berba bera agortzen hasita dagoela eta zerbait abiatu behar dugula administrazioaren eta gizarte eragileon artean. Biribilgunean bueltak emateari utzi beharra dago, eta hori talde berri honek [Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak] behin baino gehiagotan esan du. Nafarroan eta Iparraldean ere halako hotsak badaude.
news
argia-988ff8211de9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/loa-esplikatzeko-lehen-teoria.html
Loa esplikatzeko lehen teoria
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-04-02 00:00:00
Loa esplikatzeko lehen teoria K.a. V. mendean, Krotonako Alkmeon filosofo eta medikuntzaren teorialari greziarrak loaren kausen teoria bitxia landu zuen, idatziz jasota iritsi zaigun loaren azalpenik zaharrena. Alkmeonen arabera, garuneko odol-hodiak odolez betetzean hartzen gaitu loak. Odolak garunari presioa eragiten dio eta horrek logura eragiten du. Garuna odolez husten denean esnatzen gara. Zientzia modernoak, jakina, ez du teoria babesten, baina horrek ez ditu Alkmeonen lorpenak gutxitzen. Disekzio anatomikoaren aitzindari eta defendatzaile sutsua izan zen, nerbio optikoa aurkitu zuen eta sentsazioak hautematen dituen organoa garuna dela egiaztatu zuen.
news
argia-1c22e49512e4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/gazte-baserritar-hasiberriak-prekarietateari-aurre-egiteko-sareak-josten.html
Gazte baserritar hasiberriak: Prekarietateari aurre egiteko sareak josten
Garazi Zabaleta
2017-04-02 00:00:00
Gazte baserritar hasiberriak: Prekarietateari aurre egiteko sareak josten "Baserriaren alorrean badaude lehentasunezko bi kolektibo, gure ustez: bata emakumeena da, eta bestea gazteena". Alazne Intxauspe Elola gazte baserritarrak azaldu digu elikadura burujabetzaren inguruan jarduten duten hainbat eragilek (EHNE Bizkaia, Mundubat, Veterinarios Sin Fronteras, Bizilur eta Emaus) bultzatutako azterketaren abiapuntua: sektorean hasi berri diren eta agroekologian diharduten gazte baserritarren egoera ezagutzea, baita bidean dituzten traba nahiz zailtasunak azaltzea ere. Ikerketa ekintza parte-hartzailea Gazte baserritarrak izan dira azterketa aurrera eraman dutenak: "Gehienetan ikerlari bat izaten da azterketa egiten duena, eta honek nahitaez bere optikatik egiten du azterketa hori". Ikergalderak ere ekimeneko parte-hartzaileen artean zehaztu dituzte, Intxauspe prozesuko kideak azaldu digunez. Zailtasunak ere izan dituztela aitortu digu, hala ere: "Baserritarren parte-hartzea egunerokotasunean mantentzea ez da erraza, eta horrekin arazoak izan ditugu".       Parte-hartzaileen artean, batik bat Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak elkartu dira, 20-40 urteren bueltan dabiltzan gazte baserritarrak. Batzen dituen ezaugarria, adina baino, sektorean denak hasi berriak direla izan dute, sartze prozesuan dabiltzala guztiak, bakoitza bere eran. Prekarietatearen aurrean elkartzeko beharra "Prekarietateaz hitz egitean, denoi burura etortzen zaiguna prekarietate ekonomikoa da. Gazte baserritarren kasuan, ordea, prekarietateak hiru aurpegi dituela ondorioztatu dugu", azaldu digu Intxauspek. Lehenik, aipatutako prekarietate ekonomikoa: inbertsioak egin beharra, laguntza ekonomiko falta, lurrak lortzeko zailtasunak, eta abar. Bigarrena, antolaketako prekarietatea: era kolektiboan eta elkarlanean jarduteko zailtasuna. Eta hirugarrena, prekarietate emozionala: "Amari, aitari, edo lagunei lehen sektorean sartu behar dugula kontatzean, erotzat hartzen gaituzte, bitxiak gara denentzat".     Nola eman buelta prekarietate horiei guztiei? Ikerketan ateratako ondorio nagusia, sarea jostearen beharra izan da: "Gazte baserritar hasi berrien arteko era guztietako sareak sortzea behar dugu: pote batzuk hartzeko, makinaria konpartitzeko, merkatu bat osatzeko, lanerako… ". Gazteak aktibatzeko eta motibatzeko, azken batean.
news
argia-1dde77274737
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/mr-rosset-aurkikuntza-harrigarri-baten-kronika.html
Mr. Rosset: aurkikuntza harrigarri baten kronika
Ion Olano
2017-04-02 00:00:00
Mr. Rosset: aurkikuntza harrigarri baten kronika Batzuetan, egia ez da egiantzekoa. Fantasiaz egina dirudi, kasualitate kateatu gehiegi... Egiak, batzuetan, gezur itxura du. Zure esku dago betiere, irakurle, benetako istorio hau sinetsi, edo ez. Lerrook sinatzen dituen Kazetari Prekarioak (aurrerantzean, KP; edo, are atseginago, Kepa) gurasoenera itzuli behar izan du berriki, bere kasa etxerik ordaintzeko gauza ez denez. Loaren bareak hartzen ez duen gau batez, gurasoen liburutegiko izenburu batek lapurtu dio arreta: El estratega cartaginés (Mundo Conocido, 1999). Kartagoko Anibal zenaz dihardu nobelak, gaztelania txukunean. Egilearen biografiari erreparatu dio, loak hartu aurretik: Edward Rosset, Oñatin (Gipuzkoa) jaioa, Libian soldadu ibilia. Bibliografiari begiratuta, historia belikoan eta euskal nabigatzaileetan aditua dirudi idazle oñatiarrak. Aztoratuta geratu da Kepa, harri horrek jo duelarik bere ikerlari gogoa. ARGIAren argi berdea ikusita, abian jarri da. Ikertzen hasi eta berehala topatu du www.edwardrosset.com webgunea, eguneratu gabea, ikusi duenez 2013koa dela azken berria. 21 nobela ditu idatziak, eta horietako batzuk zinemarako egokitzen hasia zen Rosset urte hartan, sareak dioenez. Horrez gain, webgunean badira idazlegaientzako aholku zentzudun batzuk, baita idazlearen biografia zabal samar bat ere. Hizpide hartu ditu Libiako soldadutza garaiak, bi urte eta erdi luze, kanpin denda batean sartuta. Bertako liburutegi urriko liburu guztiak irakurrita, idazten hasi zen Rosset gaztea Oñatin jaioa izanagatik, Erresuma Batuko hiritarra zenez, soldadutzara deitu zuten 1959an Edward Rosset gaztea. Ikasketak utzi, eta RAFeko (Royal Air Force) irrati-telegrafista moduan sartu zen armadan. Libiako basamortura bidali zuten, eta han eman zuen bolada luze bat. Ikasketak postaz amaitutakoan, freelance kazetari lanak ere egin zituen, denbora pasatzeko, eta ofizioan aritzeko; hara, gure Keparen moduan. Geroago itzuli zen Euskal Herrira, Irunera hain zuzen, eta han sortu zuen Stanley argitaletxea, ingeles eskoletarako prestatzen zuen materiala argitara emate aldera. Literatura ere idatzi izan du, barra-barra, eta webgunearen arabera, zeregin horri eusten dio, egun ere. Baina, eguneratu gabe dagoenez, auskalo non eta zertan dabilen orain. Halako zirrara batek hartu du Keparen bizkarrezurra, orno guztiak banan-banan, kontaktu atalean ikusi duenean telefono zenbakia, itxuraz, Irungoa. Stanley zena Emakume ahots batek erantzun dio kazetariaren deiari, hariaren bestaldean. Baietz, berehala jarriko dela Edward. Benetan ari dela dirudi. Aurkikuntza baten atarian sentitzen da Kepa, nola esan, Stanley eta Livingstone elkartu aurreko unean bezala. Gizon ahots batek hitz egin du: bera da. Kazetariak eta Rosset jaunak adostu dute bigarrenaren etxean bilduko direla arratsalde horretan bertan. Elkarrizketan, idazlearen emaztea ere presente egon da, Elvira Gomez anderea. Lagungarria izan da zinez, zenbait izen eta datu zehatz gogora ekartzeko. Nongoa sentitzen den galdetu dio Kepak. Irribarrea piztu zaio Rosseti. Beregatik balitz, dio, Oñatira joango litzateke egunero edo, tira, sarri samar. Urbiako zelaietan badutela txoko berezi bat, sagardo botilak freskatzeko errekasto eta guzti. Zeruetako paradisua lurrean. Hori dela beretzat inguru hura, bere jaioterria, Zubillagan sortua baita. Baina, Rosseten esanetan, gero eta zailagoa dauka hara igotzea. Kepa ohartu da, jakina, 1938an jaio zenez, laurogei urteren bueltan dabilela Rosset jauna; nahi baino gehiago kostatzen zaiola ibiltzea, nahi ez duenean ere mugitzen zaizkiola eskuak. Irudian, Kazetari Prekarioak gurasoenean topatutako liburu eskainia, eta Edward Rosseten autobiografia pribatua. Galdera xelebrea otu zaio Kepari: "Sutatik salbatu beharko bazenitu zure hiruzpalau liburu, zeintzuk lirateke aukeratuak?". Birritan pentsatu gabe erantzun du oñatiarrak: lehenbizi, Los navegantes (Edhasa, 2006). "Eta ez bakarrik nire gustukoa delako, baizik eta mundu guztiak esan didalako. Honezkero badira hamasei urte argitaratu nuela, eta oso ondo saltzen da oraindik ere. Esango nuke nire best sellerra dela". Gero, Los hielos de Terranova: balleneros vascos (Edhasa, 2016), azkena izaki, kuttuna du hori ere. "Oraindik amaitu gabe dago. Lehen zatia eman nuen argitara, eta bigarrena prestatzen ari naiz, ea...". Elvira emazteak dioenez, lehenengoa primeran zabaltzen ari da. Azkenik, Edwardek hatzaz seinalatu du Roncesvalles (Reyes Astures, 2007), burura eramaten duelako trilogia ( Tierra Quemada eta Invasión lanekin batera). "Hiru liburukote dira, 650 orrialde bakoitzak, imajina dezakezu nolako lana… Egia esan, oso harrera ona izan du; hainbat irakurle jarri izan dira nirekin harremanetan, esanez izugarri  gustatu zaiela, ezin ziotela irakurtzeari utzi, eta abar. Horrek balio handia du niretzat". Elvirak ekarritako ur tragoa hartuta, erantzuna borobildu nahi izan du idazleak: "Aipatutako lauzpabost liburu horiek dira, nire lan guztien artean, nola esan… seme-alabatxo modukoak". Rosseten obsesioa Kazetariak galdetu dio idazleari zein harreman duen literaturarekin, alegia, zer eman dion, eta zer hartu. Irria askatu du Rossetek. "Hartu, denbora! Tira, baina hartutakoa emana ere badenez, gaitz erdi. Eta eman, nire buruarekin gustura egotea, self satisfaction … horrek ez dauka preziorik. Idatzi nahi izan dut betidanik, gazte nintzenetik". Hizpide hartu ditu orduan Libiako soldadutza garaiak, bi urte eta erdi luze, kanpin denda batean sartuta. Bertako liburutegi urriko liburu guztiak irakurrita, idazten hasi zen Rosset gaztea, kazetaritza ikasketak postaz amaitzearekin batera. Gomez andereak gogora ekarri du Londresen nobela labur batzuk idatzi eta argitaratu zituela, baldintza onetan. "Halaxe da," esan du Rossetek, "nahiko ondo ordainduak, gainera. Baina orduko diruak eta oraingoak ez dute zer ikusirik…". Aita ingelesa zuen, Donostiako Getaria kalean denda erraldoia zeukan eta erreka jo zuen. Dena galduta, ingeles eskolak ematen hasi ziren Irunen Ura edanik, Stanley argitaletxearen berri jakin nahi izan du Kepak. Kolpean oroitu da Rosset: "Irunera etorri nintzenean izan zen. Nire aitaren izena zen Stanley, alegia, Victor Stanley Rosset. Ingelesa zen, Letchworth herrikoa [Londrestik 50 km iparraldera]; Donostiako Getaria kalean denda erraldoia zeukan, eta erreka jo zuen. Dena galduta, ingeles eskolak ematen hasi ginen Irungo Aduana kalean, eta hala eman genituen hainbat urte. Aita hil ondoren, nik jarraitu nuen, eta eskoletarako sortzen nuen materiala argitaratzen hasi nintzen, neure kabuz, Stanley argitaletxean. Ia hilero ateratzen nuen lan berriren bat: egin kontu... hogei urte pasatxo, 210 liburu". Dibulgazioa aipatu du Kepak, nabari dela Rossetek garrantzia ematen diola horri, baita literatur lanetan ere. "Jakina", dio idazleak. "Beti izan naiz irakaslea, eta irakaskuntza maite izan dut betidanik. In the back of my mind , gogoaren barrenetan, ideia hori izan dut: gauzak irakatsi behar dizkiot jendeari. Horrenbestez, hortik zehar topatu dudan liburu arraro oro harrapatu dut, eta gauza berriak atera ditut horietatik". Ohiko galdera atera du orduan kazetariak: ea zein den, Rosseten ustez, idazteko eman duen aholkurik onena. "Ekin eta ekin, ez eman amore… Hor nonbait dabiltza kontuak". Irri konplizea ireki zaio Kepari, ezinbestean. Amaitzen ari da elkarrizketa, halabeharrez. Kepak badaki. Aparkatzeko tiketa iraungiko zaio gutxi barru, eta ez du isunik ordaintzeko gogorik. Webguneaz ari direla, kazetariak aipatu du azken informazioa 2013koa dela. Zinemarako egokitzapenez galdetu dio Rosseti, ea porturen batera heldu den egitasmoren bat. "Bada, oraindik ez. Los navegantes lanarekin hasi nintzen, eta honezkero baditut gordeta hiruzpalau egokitzapen. Inork interesik izango balu, merke-merke salduko nizkioke... kar-kar!". Sakelako grabagailua itzali, eta argazki batzuk atera ditu Kepak, ahal duen hoberen, intrusismo txikiak dakarren lotsa puntuaz. Atera aurretik, isunaren arriskua areagotu arren, gurasoenetik hartutako El estratega cartaginés -en alea sinatzeko eskatu dio idazleari, harro eta lotsagorrituta aldi berean, kazetariak. Bostekoa emanez agurtu ditu biak, Edward eta Elvira. Irungo kalera atera denean, arrapaladan aparkalekurantz, indarberrituta sentitu du barrenean, nolabait esatearren, nabigatzaile sena, ikerlari-kazetariarena. Aspaldiko partez, bere txikitasunean, handi sentitu da Kepa.
news
argia-1e20607301fe
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/alaska-zazpi-milioiren-truke.html
Alaska zazpi milioiren truke
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-04-02 00:00:00
Alaska zazpi milioiren truke Washington, 1867ko martxoaren 30a. Gaua negoziaketan eman ondoren, goizeko 4:00etan, Errusiak Alaska saldu zien AEBei 7,2 milioi dolarren truke. Eremu zabal izoztuak 1,5 milioi hektarea ditu eta, horrenbestez, 4,74 dolar ordaindu zuten kilometro koadro bakoitzeko. Une hartan 2.500 kolono errusiar bizi ziren han, jatorrizko 10.000 biztanle errusiar jurisdikziopean zeuden eta, horiez gain, beste 50.000 aleutiar, inuit, inupiaq, yupik... bizi zirela kalkulatzen da. Salerosketa Andrew Johnson presidenteak sinatu zuen, eta senatuak berretsi. Transferentzia zeremonia urte bereko urriaren 18an egin zuten eta 7,2 milioiko txekea 1868ko abuztuaren 1eko datarekin jaulki zuten. Lurraldea saltzeko ahaleginak, ordea, lehenago hasi ziren, 1850eko hamarkadan. Errusiar Inperioak zailtasun ekonomikoak zituen, Alaskako lurraldea militarki defendatzea ez zen erraza eta britainiarrek erraz hartuko zuten beldur ziren. Alaska merke salduta ere, zerbait poltsikoratuko zuten. Bestela, kolonia ezeren truke galtzeko arriskua handia zen. Gainera, ordurako, Alaskako igaraba populazioa ustiatuta eta ia agortuta zeukaten. Alexander II.a tsarrak Alaska britainiarrei eskaini zien lehenik. Ziurrenik, haren asmoa britainiarren eta estatubatuarren arteko liskarrak areagotzea zen eta, hala, bi potentziak ahulduta, Errusiar Inperioaren posizioa indartuko zen. Baina britainiarrek ez zuten interesik agertu eta 1859an AEBei egin zieten eskaintza. Beste ezezko bat jaso zuten, Washingtonentzat une hartan Gerra Zibila pizteko arriskua lehentasuna baitzen. AEBek Alaska ordaintzeko erabilitako txekea. Errusiarren asmoa ez zen makaldu, eta AEBetako Gerra Zibila amaitutakoan negoziaketak berrabiarazi zituzten. 1867ko martxoaren hasieran eseri ziren William Seward AEBetako estatu idazkariarekin.  Hilabetea amaitzear zela itxi zuten tratua. Erosketa errentagarria izan al zen AEBentzat? Adituak ez datoz bat erantzunean. David R. Barker ekonomialariaren ustez, Alaskan bildutako zergek ez dute sekula gainditu salerosketaren eta lurraldea gobernatzearen kostua. John M. Miller-en iritziz, Alaskako petrolio baliabideak ustiatu zituzten enpresek ez zuten inbertsio izugarria berdintzeko irabazirik izan. Scott Goldsmith eta Terrence Cole ez datoz bat ondorio horiek ateratzeko irizpideekin, eta barne-produktua kontuan hartuz gero erosketa bikaina izan zela diote; kalkulu baikorrenen arabera, 50 urtean estatubatuarrek 100 aldiz irabazi omen zuten lurraldeagatik ordaindutakoa. 2014ko martxoan, "Alaska Errusiara itzuli" mugimenduak 35.000 sinadura bildu zituen. Ez zitzaien bururatu Alaska jatorrizko biztanleei itzuli behar zitzaiela eskatzea.
news
argia-5d257adeab21
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/ogia-versus-giza-eskubideak.html
Ogia versus giza eskubideak?
Joxe Iriarte, Bikila
2017-04-02 00:00:00
Ogia versus giza eskubideak? Karl Marxek zioenez, sabela hutsik ezin da filosofian murgildu. Giza Eskubideen Kartak  oinarrikotzat jotzen du, besteen artean, gizakiak ondo elikatzeko duen eskubidea. Aurtengo urrian mendeurrena egingo duen Lehen Iraultza Sozialista, "ogia, bakea eta askatasuna!" aldarriekin hasi zen. Alabaina, kapitalismo gerrazale eta neo-liberalaren hegemonia itogarriaren garaiotan geroz eta zailagoa zaigu eskubideak modu banaezinean uztartzea. Kapitalismoak, bata edo bestea, eskubide desberdinen artean aukeratzera behartzen gaitu. Adibide batzuk: lanpostuak (ogia) ala ingurumena (osasuna). Ikatz meategi kutsatzaileak, fracking-a, zentral nuklearrak edo automobil gehiago produzitzea. Bestea, ogia edo giza eskubideak: armagintza, aeronautika militarra, lehergailu lantegiak eta abar. Tranpa horretatik ezin atera dabiltza ia sindikatu guztiak, beste kontsiderazioen gainetik lanpostuei lehentasuna ematen diotenean. Lehentasuna, nahiz eta kongresuetan bere egiten duten garapen jasangarriaren kontzeptua. Zer esanik ez, alderdi politikoak, gehienak boto emaileen iritzien zordun. Badaude salbuespenak. Ezagutzen dut Leongo alkate ekologista bat, zeinak itxitako meategia irekitzeari uko egiteagatik, bere herriko biztanleek ia lintxatu zuten. Jakina, alkatetza galdu zuen. Dilema larri horretan harrapatuta ikusi nuen Podemoseko Jose Maria Gonzalez Kichi , Cadizko alkatea, Jordi Ebolek oso modu zorrotzean galdetu zionean: "Aspaldiko antimilitarista eta giza eskubideen aldeko ekintzailea, eta halaber Espainiako langabezia-tasa handiena duen Cadizko alkatea. Ados zaude Saudi Arabiako monarkia misogino giza eskubide bortxatzailea izanda, harekin Cadizko ontziolan gerraontzi militarrak eraikitzeko?". "Bai. Gure langileek behar dituzte lanpostu horiek". Erantzunak ez ninduen harritu, bai ordea, penatu. Kichi alkatea ez baita ohiko politikaria. Zintzoa da, bere herriari emana, instituzioen errapetik edaten ez duena eta segur aski alkatetza uzten duenean bere ogibidera eta oinarriko militantziara itzuliko den horietakoa. Patuak edo dena delakoak libra nazala batzuen giza eskubideak besteenaren gainetik hautatu edo jarri beharreko ataka gaitzetik. Zalantzak zalantza, uste dut badaudela zeharkatu ezin diren marrak (gorriak?), eta horietako bat da ezin dela, soldata baten truk urrutiko gizakiak zanpatzeko erabiltzen den tresneria fabrikatzearekin bat egin. Beste bideak. Borrokatu dezagun, esate baterako Oinarrizko Errenta Unibertsalaren alde. Horrek herritarroi emango liguke, kaltegarriak, arriskutsuegiak edo beharrezkoak ez diren industriei muzin egiteko aukera. Errenta horren nondik norakoak beste baterako.
news
argia-fee55218eec2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/makrokartzela-proiektua.html
Zubietako tatuaiak
Markel Ormazabal
2017-04-02 00:00:00
Zubietako tatuaiak Kartzelarik onena kartzela ez dena da, kantatu zuen bertsolariak, eta kartzelarik gabeko mundu bat eskatu zuen zorionekoa kartzela zigorrera kondenatu zuten. Ez dugu maite, edo hori diogu ahopeka, baina behar dugula uste dugu. Hauxe da egun kartzelari buruz sozietateak, oro har, egiten duen gogoeta. Alternatibarik ikusten ez dugula onartuta, auziari garrantzia kentzen diogu eta kartzela mendekua dela ahazten zaigu. Ondorioz, hura gutxiesteko joera handia dago. Sozietateak ez du espetxeetako errealitatearen arrastorik. Sozietateak uste du plasmako telebistak eta igerilekuak dauden espazioa dela kartzela eta jendea kalean baino hobeto dagoela barruan krisi garaiotan. Hori da estereotipoa. Protesta artean hasiko dituzte Zubietan errauste planta egiteko lanak, eta aldiz, oharkabe doaz ehun metrora eraiki asmo duten bigarren izugarrikeriaren asmo eta esleipenak. Zubietako makro-kartzelaz ari gara, Norte III izenarekin bataiatu duten proiektuaz. Irudi erraz bezain makabroa duen metafora, EHUko Soziologiako doktore eta Salhaketako kide Cesar Manzanosek adierazi bezala. Badugu hitzak leunduz errealitatea ere leundu egiten dela sinesteko halako premia. "Zentro eredu" deitu diogu pertsonak errausteko labe honi, eta bertan pilatu, deslai utzi eta erreko ditugu zaborra balira bezala ehunka lagun, egin berri dituzten beste kartzeletan gertatzen den antzera. Martxoaren 31 eta apirilaren 2 artean Añorgako Firestone Lantegi Berreskuratuan egingo den Tatto Circus-Espetxeen aurkako topaketak jarri gaituzte egitasmo zahar-berri honen atezuan. 2013an lanen esleipenak eginak zituen baina PP Espainiar Estatuko gobernura heldu zelarik stand by geratu zen proiektuak, hautsak arrotzeko abiadura hartu du. Zubietakoaz nahiz halako eraikuntzak bultzatzen dituzten negozio logikez aritzeko solasaldia antolatu dute aipatu topaketen baitan, apirilaren 1ean, 11:30ean: "Zubieta, edo burtsan kotizatzen diren kartzelak". "Kartzela erraldoien" gizatasuna 2006ko otsailaren 23an, kartzela erraldoiak kentzeari buruzko legez besteko proposamen bat onartu zuen Eusko Legebiltzarreko gehiengoak. Proposamenaren laugarren atalak eskari zuzena egiten zion Espetxezaintzako Zuzendaritza Nagusiari: Euskal Autonomia Erkidegoan Zubietakoaren gisako zentroak eraikitzeari utzi eta lurralde historiko bakoitzean Gizarteratze Zentroak zabaltzeko lanak bizkortzea. 2015eko azaroan, baina, Donostiako alkate Eneko Goiak "desengainua hartu" eta "haserre" agertu zen hedabideen aurrean kartzelaren eraikitzea "beste behin atzeratu" zelako. Ez Zubietan, ez Gipuzkoan, halako kartzelarik ez da behar inon. Baina gure kontzientzia hebainduek kontrakoa sinetsi nahiko dute, erosoa baitzaigu gizatasunaren diskurtsoa: "Martuteneko kartzelaren baldintzak txarrak dira eta baldintzok presoek sufritzen dituzte. Hortaz, ez da bidezkoa horrelako instalazio bat izatea eta, ondorioz, ezinbestekoa da –eta, beraz, lehentasunezkoa– kartzela Zubietara eramatea", esango du Goiak. Eta kartzela zaharkituek agerian dituzten gabeziak emendatu beharrez bestelako galderak errefusatuko ditugu. Eskuzaitzeta mazelan 28 hektareako sailean kokatuko den kartzelak 55.392 metro koadroko azalera izango du; aurrez uste zena baino gehiago, hastapenetako proiektuak aldaketak izan baititu. Proiektu berriak ez du bost urte atzera diseinatutakoak aurreikusitako ez igeri-leku estalirik, ezta plasmako telebistarik ere, hauek "premia-gabeko eta handinahiko elementuak" direlakoan, Jorge Fernández Díaz Barne ministro zenaren hitzen errepikan. "Luxurik" gabeko eraikinak 1.100 lagun jazartzeko gaitasuna izango du, sei modulu eta 508 zigor-gelatan, bi ohatzekoak gehienak, beste 80 osagarrirekin (hauetarik 24 isolamenduan). Minaren negozioak Zubietakoa justifikatzeko beharren inguruko ikerketarik ez zegoen 2012an, urte bereko martxoan kartzelaren aurka agertu ziren zenbait eragilek ezagutarazi zutenez. Kontrara, orduko datuen irakurketa azalekoak agertzen du kartzela-zigorra bete beharrean diren gipuzkoarren edo lurraldean erroldatuak diren pertsona kopuruaz ezaxola diseinatu proiektua dela. Hau da, kartzela beteko luketen pertsonen gehiengoa ez litzateke herrialdekoa, 2012an Gipuzkoa bizileku zuten presoak 600 inguru baitziren, eta paradoxa makabroan, horietatik gehienak zigorra herrialdetik kanpo betetzen. Bost urte igaroak direla ikerketarik ez dago oraino. Eraikuntza proiektua fini da, 2015eko uztailean Euroestudios S.L. enpresari esleitu zioten erredakzio lanak sei hilabeteko epean funditzeko. 2016az gerora Barne Ministerioaren meneko SIEP ( Sociedad de Infraestructuras y Equipamientos Penitenciarios ) eraikuntza lanak esleitzeko Zigor-Erakundeek agindua noiz emango zain aurkitzen da. Azken kostua zein izango den jakiteko dagoen arren, gaur-gaurkoz kartzela berriak 91,4 milioi euroko kostua izango du. Akaso diru eta zifren dantzarekin, halako batean, Zubietako kartzelaren proiektua zerk hauspotzen duen galdetuko dugu. Galderaren harian, Goiak esango du eraikuntza lanen atzeratzea oso albiste txarra dela eta segidakoa gogorarazi: "Baldin eta Txomin Enea bada hiriak duen apusturik garrantzitsuena etxebizitzak zein etxebizitza babestuak egiteko, kartzela Zubietara eramateak baldintzatzen du gune horren garapenaren bigarren zatia". Ezer gutxi du ikustekorik kartzela-sistema gizatiarrago batekin edo sistema bera "zuzenbidera egokitzeko" beharrarekin. Estu lotu izan du mendebaldeko iruditeria kolektiboak tatuaia, lehenik zigorrarekin oro har, eta zehatzean kartzelarekin aro modernoetan. Ez alferrik, itsas jendeak asmaturiko praktika dugu eta jakina da legearen ihes egiten zuela itsasora ez lagun gutxik. Orbainak eta zauriak, gatibu hartu dituen gorputzetan ez eze, kartzelak tatuaia berria egingo du aurki lurraldeko gorputz sozialean, aurrez Norte I izenekoak egin bezala, Arabako eraikinik handiena den horrek.
news
argia-a66a9a53750f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/non-dituzu-tipulak.html
Non dituzu tipulak?
Jakoba Errekondo
2017-04-02 00:00:00
Non dituzu tipulak? Dagoeneko landatuta beharko luke tipulak (Allium cepa), baldin eta udako egun luzeenetara burua ederki osatuta iristea nahi bada. Otsaileko ilbeheran dela onena dio Oiartzungo Artamugarriko Felixek. Hala ere, bere buruari nasaitasun polita ematen dio, esaerak, nonbait, honela omen dio eta: "San Josetarako (martxoak 19) tipulak landatuta behar du" bestela ez omen da-eta behar bezala osatzen. Oraindik ez baduzu landatu, esnatu eta bizkor ibili. Tipularekin asmatzeko tokiaren aukeraketa zorrotz egin behar da. Ura ez du ikusi ere egin nahi, ez airean ez lurrean. Berozale amorratua da; beraz, eguzki-galdatan jarri, ez diezaiola aldameneko ezerk itzalik luza. Urasetutako lurra ere ez du batere gustuko. Lur buztintsu edo motela baduzu, ez ezazu tipula jartzeko lanik hartu, hobe duzu kooperatibara joan eta tipula-korda etxeratu. Lur harroa eta urak erraz ihes egiten diona maite du. Uraren beldur arrasto ttikiena edo lurrarekin inolako zalantzarik baduzu, altxa ildo bizkarrak, tontor luzeak, eta han landatu alboetan eta tontor gainean bertan. Ildarte horiek ipar-hego norabidean egiten badituzu hobe, horrela eguzkiak bere eguneroko pasieran alde biak bero-lehortuko dizkio. Bestaldetik, tipulak lur azidoa gorroto du. Hori karea dantzatuz konpontzen da: kareharri ehoa, dolomita, errautsa, kare bizia edo kare hila. Ni kare biziaren eta errautsaren zalea naiz. Kareak lurra gehiago harrotzen du. Aldiz, errautsak landarearentzat onak diren beste jaki batzuk ere emango dizkio, potasioa eta abar. Zeuk erabaki. Orain ez hasi ongarria ematen, lehen ongarritutako sailen batean jarri. Ondo egin gabeko ongarriak kalte egiten dio. Hurrengorako: tipularentzat izango den saila ahal duzun eta simaur edo luar zahar-zaharrenarekin udazkenean ongarritu, neguaren hasieran karea eman eta lurra bakean utzi. Tipulari ez zaio gustatzen lur harroan landatzea, asentatutako lurra nahi du, aza jendeak bezala ( Brassica spp ). Tipula erosi beharrean bazara, lagun pakistandar batek erakutsi zidan: gordinik jateko tipula zuri ahal den eta zapalenak aukeratu, ez dute minik ez ahosabaian ez begietan. Gozo-gozoak dira.
news
argia-b40e9756e162
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/soiltasunaren-zailtasunak.html
Soiltasunaren zailtasunak
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-02-05 00:00:00
Soiltasunaren zailtasunak Erroma, K.a. I. mendea. Ovidio poetak idatzi zuenez, "zatarrak dira belarrik gabeko zelaia, hostorik gabeko zuhaixka eta ilerik gabeko burua". Eta ez zen kezka hori azaltzen lehena. Ebers papiroan (K.a. 1.500 urte inguruko medikuntzako tratatuan) jasotzen denez, Egipton burusoiltasunaren aurka Ra jainkoari eskainitako araoa errezitatu behar zen eta gero buruan tipulaz, berun gorriz, eztiz, burdinaz eta alabastroz egindako ukendua eman. Beste nahastura batekin ere saiatu ziren: lehoi, hipopotamo, krokodilo eta suge gantzez egindako erremedioa. Antzinako Grezian, Aristoteles saiatu zen buruko ile eskasiaren azalpena aurkitzen: "Lizunkeriak gorputzaren goiko aldea hozten du, odol gutxi iristen delako, eta gorputz-atal horietan ez da elikagaia digeritzen. Elikagairik jaso gabe, ilea erori egiten da". Hipokratesek (K.a. 460-370 inguruan) bere burua akuritzat erabili zuen: errefauz, kuminoz, uso zirinez eta asunez egindako sendabidea ematen zuen buru-azal garbian. Hainbeste lotsatzen zuen fenomenoa azaltzeko Aristoteles baino finago ibili zen: eunukoek ilerik galtzen ez zutela konturatu zen, eta lehena izan zen ile galera sexu-organoekin lotzen. Berak ez zekien zergatik gertatzen zen, baina XX. mendean zientzialariek frogatu zuten barrabilak erauzita ez dela DHT (dihidrotestosterona), gizonezkoen burusoiltasunaren eragile nagusia ekoizten. Beraz, Hipokratesek  erremedioa aurkitu zuen, zikiratzea, baina ez zuen arrakasta handirik izan. Julio Zesarrek (K.a. 100-44), itxuraz, beldur handiagoa zion ilea galtzeari martxoko idusei baino. Suetonio historialariak jaso zuenez, "adats eskasa burugainetik aurreraka orrazteko ohitura zeukan". Kleopatrak berak ukendu bat prestatu omen zion, sagu errautsez, hartz koipez, zaldi hortzez eta oreinaren hezur-muinez egina. Emaitzarik lortu ez zuenez, disimulatzea beste biderik ez zuen ikusi. Garaipen militarretan soilik erabili ohi zen corona laurea edo erramu koroa egunero erabiltzeko baimena eskatu zuen senatuan eta, horrenbestez, handik aurrera, konplexu estetikoaren sintoma enperadoreen boterearen ikur bihurtu zen.
news
argia-1cad9ea69832
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/julia-sallabank-guerneseyera-hiztuna.html
"Ez gara besterik gabe Ingalaterrako parte bat, guztiz ingelestua"
Miel Anjel Elustondo
2017-02-05 00:00:00
"Ez gara besterik gabe Ingalaterrako parte bat, guztiz ingelestua" Zure "It's cold!"-ari, "Hotza!" erantzun dio Londresko SOAS Unibertsitateko irakasle Julia Sallabankek (Amersham, Ingalaterra, 1960). Gasteizen izan zen urtarrileko hotzean Oihaneder Euskararen Etxean, Hitz Adina Mintzo ikastaroaren barnean. Mantxako kanalean den Guernesey uharteko hizkuntzaz jardun zuen, guerneseyeraz, alegia. Hitzaldia egiten hastekotan zinela, galdera egin zenien entzuleei, inork Guerneseyri buruz ezer ba ote zekien, izena bera aditua ote zuen inork. Baina inork ez zekien ezer. Harritzekoa ere ez da ezer ez jakitea, leku ttikia baita Guernesey. Erresuma Batuan ezaguna da Guernesey, toki turistikoa delako batetik, eta Bigarren Mundu Gerrako historiagatik, bestetik. Gainerakoan, hutsaren hurrena da jendeak gure uharteaz dakiena… Erresuma Batuko historiaren barnean leku seinalea da Guernesey, Mantxa kanaleko uharteak izan baitziren alemanek okupatu zuten erresumako territorio bakarra. Zenbait film ere eginak dituzte gai horren gainean, Guernesey izenarekin, eta horrek ere hainbat lagundu du jendeak uhartea ezagun dezan. Leitu dudanez, bada Guernesey uharteko haurren istorio-historia bat Bigarren Mundu Gerrari lotua. Bai, bada. Aspaldi ezagutu nuen emakume batek kontatu zidan. 90 urte ditu oraintxe emakumeak, baina oroitzen da, artean haurra zelarik, hondartzan zebilela, eta jendea etorri zela, builaka eta hoska: "Alemanak datoz, alemanak datoz! Hemendik alde egin nahi izanez gero, oraintxe behar du, bizkor. Zenbait txalupa Ingalaterrara abiatzera doaz oraintxe! Ez jakin gero beste aukerarik izango den!". Bistan da, populazioaren erdiak alde egin zuen, hainbat haur barne zirela. Kasu askotan, haur horiek ez zuten, bost urtean, gurasoekin harremanik izan, etxekoekin komunikaziorik ere ez. Haurrak zenbait familiatan banatu zituzten, anaia-arrebak sakabanaturik maiz kara, eta harrezkero ez zuten guerneseyeraz mintzatzeko aukerarik eduki. Guerneseyera hiztunak ziren, hortaz. Haietarik asko, bai. Landa eremukoak baitziren! Kontua da Ingalaterran gerla sasoi hartan inor ez zela fida ingelesa ez beste hizkuntza batean hitz egiten zuen hartaz, bateko espioiak eta besteko salatariak, inor ez zen inortaz fida, eta, ondorioz, haur haiek ez ziren guerneseyeraz mintzatu. Ez genuen Mantxako kanaleko uharteen berririk, ez genekien guerneseyera bazenik ere. Zein du egoera? Gauza jakina da zer den hizkuntza baten bizigarritasuna, eta horri denaz bezainbatean, guerneseyera desagertzeko arrisku gorrian da. Ez da 45 urtez beheko guerneseyera hiztunik. Onenean, haur bat edukiko duzu guerneseyeraz dakiena, baina ez du norekin hitz egin. Guerneseyeraz aise mintzatzen diren hiztun bakarrak, bakanak, 70 urtetik gora dira. Bada multzo handi bat, 50-70 urte artean, guerneseyera burmuinean gordea daukana; alegia, aditu zuten gaztetan, nahiz eta ez ziren egiaz guerneseyeraz mintzatzera heldu. Konprenitzen dute. Horien artean bada multzo bat guerneseyera biziberritu nahi duena, hizkuntza berraktibatu, eta horretan da lanean. Nire iduriko, horiek dira hizkuntzaren geroaren esperantzarik handiena, zeren eta inoiz jakin zuten guerneseyeraz, eta orain burmuinean sartua daukate, azalera ekarri besterik ez dute egin behar. Bestalde, hizkuntza baliatu nahi dute, lagun eta adiskideen artean. Ez dira ari, besterik gabe, denborapasa. Argazkia: Zaldi Ero. Badute guerneseyerak, eta guerneseyera hiztunek, inolako lege babesik, hizkuntza politikarik? Nekez. Hizkuntza politika batek, hizkuntza zeinahi dela ere, dirua esan nahi du, eta aitortza, eta horri denaz bezainbatean, Guerneseyn ez dugu deusik. Are gehiago, askok usteko dizu frantsesa dela bertako hizkuntza ofiziala, XX. mendearen hasmenta arte frantsesa izan zelako irakaskuntza hizkuntza, "zibilizazio hizkuntza", eta haren ondoan, tokiko hizkuntzak "frantses eskasa"-ren sinonimotzat zituzten; alegia, uste zuten soroetan lan egiten zuten nekazariek beste inork ez zuela erabiltzen guerneseyera. Prestigiorik ez guerneseyrak… Pentsatu ere ez! Alabaina, duela hainbat mende Gillen Konkistatzailearen hizkuntza zen. Normandoen hizkuntza, beraz, horretaz harro baikinen. Orain doi-doi alderantzira da, Guerneseyn bertan. XIX. mendean hainbat jendek Britainiatik Kanaleko uharteetara jo zuen, epelago egiten zuelako, eta merkeago zelako han bizimodua. Napoleonen gerlak eta gero, soldadu pentsiodunek ez zuten aski diru Ingalaterran bizitzeko, baina aski ongi bizi zitezkeen Kanaleko uharteetan. Erdi mailako gizarte klasea sortu zen, eta ondotik, goi mailakoa, eta haiek goitik behera begiratzen zieten uhartekoei. Hortik nekez etortzen ahal da "beheko" horien hizkuntzaren gorantzarik. Prestigiorik ez, alegia. Hiztunak baditu oraindik guerneseyerak, esan duzunez. Ez dut uste sobera berandu denik. Man uhartean, konparazio batera, gauza ikaragarria gertatu da: 1974an galdu zen han azken hiztun jatorra, eta egun, 200 edo 300 hiztun trebe izango dira, eta beharbada, 700 bat papurren bat dakitenak. Eta uste dut gu ere, antzeko gabiltzala. Betiko galdu baino lehen eutsi behar diogu, jendea aktibatu behar dugu berantegi izan aurretik. Guerneseyerak badu sarrerarik ikastetxeetan? Ez du lege aitortzarik, ez du eskolan presentziarik, jendeak ez du berezko hizkuntzatzat hartzen. Eranskin bat du, ez besterik, "dialekto eskasa", tokiko hizkera… Ikasgai ez-ofiziala da zenbait lekutan, eskola orduz kanpo, astean ordu erdi, konparazio batera. Hiztun jatorrak deitzen dituzte eskolara joateko, baina ez dira, egiaz, hiztun jatorrak, ez baitago hiztun jatorrik dena delako hizkuntza horretan hitz egiten ez baduzu. Edadekoak dituzu, nekez elkartzen dira bata bestearekin, eta haietarik bat hiltzen delarik, bizirik denak ez du guerneseyeraz norekin hitz egin. Orduan, hiztun jatorren heriotzarekin batera doa hizkuntzarena. Hizkuntza galtzera eta galtzera doa. Hala ere, eskolara doan jende hori, hiztun jator hori, langile erretiratua da gehienetan. Astean behin eskolara doalarik, ordu erdiz… ez daki nola irakatsi. Hiztun horiek haurrak ziren Bigarren Mundu Gerran, ez zuten eskolatzeko modurik izan, nahiz eta alemanez ere ikasi behar izan zuten. Oroit naiz emazte batek esan zidala: "Gaztetan irakasle izan nahi nuen, baina ez nuen aski eskola eduki. Orain, guerneseyera irakats dezaket, eta horrek harro sentiarazten nau, pozik naiz". Baina hori ez da egiazko irakaskuntza sistema bat. "Ez da 45 urtez beheko guerneseyera hiztunik. Onenean, haur bat edukiko duzu guerneseyeraz dakiena, baina ez du norekin hitz egin" Ez da? Ez da irakaskuntza eraginkorra. Esan nahi dut, inportantea da hiztuna harro sentitzea, baina hori ez duzu irakaskuntza: ez materialik dute, ez xederik, ez biderik… Batzuetan, ez da eskola orduz kanpoko ekintza hutsa besterik –gurasoek beti okupatuta nahi dituzte haurrak–, besteetan guraso horiek hizkuntzaren gaineko benetako interesa dute, baina ez dute beraiek ikasteko asmorik, edo ahalik, eta pentsatzen dute: "Helduok ezin ikasirik gabiltza, baina haurrek ikasiko dute gure partez, geroan baliagarri izango zaie". Baina haurrei bost axola zaie hizkuntza etorkizunean baliagarri izango zaien edo ez; dibertigarri bazaie, ikasiko dute, eta bestela, kasu gutti hizkuntzari. Zein dituzu guerneseyeraren lehentasunak egun? Gisa honetako hizkuntza ttiki baten kasuan –hiztun kopuru ttikia duena–, nire iduriko lehentasuna helduen artean hiztun andana trinko bat osatzea da, egun ez baitugu horrelakorik. Baditugu adin handiko hiztunak, zaharrak, eta baditugu zenbait haur, baina tarteko hiztun larririk ez dugu, eta horiek gabe ezinezko duzu hiztun komunitate bat osatzea. Horretan naiz ni, eta horretan ari naiz lanean. Zergatik ikasi behar du inork guerneseyera? Askotan aditu dut hori. Guerneseyera ez da hizkuntza handia, ez da frantsesa, ez ingelesa, ez txinera… Zenbaitek horixe dio: "Inportanteagoa da hizkuntza handia ikastea, baliagarriago da!". Hitz bera beti: "baliagarri". Hara, inkesta bat pasatua dugu Guerneseyn, hizkuntza ikasteko interesaren inguruan. 30-40ren bat heldu dira oraintxe guerneseyera ikasten, eta banan-banan hitz egin dut haiekin. Haien esanak dituzu: "Nire hizkuntza da; guerneseyeraz zerbait esan niezaieke nire bezeroei; emozioen hizkuntza dut…". Uhartean turista asko bizi dira, eta horiekin batera, badira Erresuma Batuko bizilagunak Guernesey berekoekin esposatuak. Horietarik batzuek tokiko kulturaz gehiago jakin nahi dute, komunitatearekin loturak ere sendotu nahi dituzte. Horiek nekez erabiltzen dute "baliagarri" hitza. Zein lotura da guerneseyeraren eta identitatearen artean? Zuk aztertua duzun gaietarik bat dugu. Zenbait jendek uste du hizkuntza identitatearen parte inportantea dela, baina hizkuntza ordezkatua duen pertsonak esango dizu halako identitateren jabe izateko ez duela zertan jakin halako hizkuntza, identitate baten jabe izateko badela beste biderik. Batzuek ohiturak azpimarratuko dituzte, beste batzuek tokiko janaria; halakok, hondartzak; beste halakok, natura… Esan nahi da, modu askotara eraikitzen duela jendeak bere identitatea, baina guerneseyera uhartean beste inon ez dago, gauza bakana da, eta horixe azpimarratzen ahalegintzen gara gu. Ez gara, besterik gabe, Ingalaterrako parte bat, guztiz ingelestua –beste zenbait uharteren kasua baita hori–, Guerneseyn hizkuntza diferente bat daukagu, sustatzea merezi duen zerbaiten jabe gara.
news
argia-ba8300451ca8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/alexei-yablokov-hil-da-txernobylen-egia-estalia-harrotu-duen-jakintsua.html
Alexei Yablokov hil da, Txernobylen egia estalia harrotu duen jakintsua
Pello Zubiria Kamino
2017-02-05 00:00:00
Alexei Yablokov hil da, Txernobylen egia estalia harrotu duen jakintsua Errusiako ekologismo modernoaren patriarka hil da Moskun urtarrilaren 10ean. Txernobylgo hondamendi nuklearrak Europako jendeen osasunean luzaz eragingo dituen kalteak erakutsi zituen, agintariek eta lobby atomikoak eskainitako analisi partzialak larrutuz. Artiko itsasoan armada sobietarrak urperatutako erreaktore eta erregaien kutsadura itzelak azaleratu zituen. Hil arteraino izan da agintarientzat gogaikarria. Urtarrilaren 10ean hil da Moskun Alexei Vladimirovitx Yablokov 83 urterekin. "Errusiaren arima berdea" deitu dio azken agurrean Nuclear Free Future elkarteak. Lagun eta ikerketetan kide izan duen Oleg Bodrovek idatzi du: "Egunotako On Kixote bat bailitzan, Lurraren eta ingurumenaren alde borrokatu da, epelkeriarik gabe eta amaiera arte". Gurean, Txernobylgo hondamendi sekula ez itzaliari buruzko kronikak leitu dituztenek menturaz oroituko dute haren izena, urteotan behin baino gehiagotan aipatu duguna. Berria ren hemerotekan ere aurki lezake Harald Neuberrekin 2011n izandako elkarrizketa: " Energia nuklearra bukatzeko beste bi edo hiru Fukushima beharko dira ". Garoñako lapiko atomikoa berriz piztekotan dabiltzan garaiotan gogoratzeko modukoa: ezin esan abisatu ez zigutenik. 1933an jaioa, ikasketaz biologoa, jardun akademikoan hainbat ataletan ikertu zuen: ekologia, zoologia, eboluzioa, populazioak... Errusiako Zientzien Akademian zeukan ospearekin, Mikhail Gorbatxov eta Boris Jeltsin presidenteen aholkulari izan zen 1989tik 1997ra arte. Gaur Ukraina den Txernobylgo zentral nuklearra 1986an lehertua zen. Yablokovek dimisioa eman zion Jeltsini salatuz oligarka berrien nahietara makurtzen zela eta politika ekonomikoaren aldarean sakrifikatzen zituela ekologiaren balioak bezala demokraziarenak. Geroago, Vladimir Putinek aldarrikatu zuenean Errusian ekologiagatik ezarritako kontrol oro ezabatzea –negozioei bidea libre uzteko–, hari politikan ere aurre egitea erabaki zuen zientzialari zaharrak. 2016an, ordurako oso gaixotuta, plazaratu zuen Txernobylgo istripuari buruzko azken monografikoa. Nuklearren arriskuen eztabaidetan klasiko bat da 2007an Yablokovek Vassily eta Alexey Nesterenko bielorrusiarrekin batera plazaratutako " Txernobyl: hondamendiak gizadiari eta naturari eragindako kalteak ". Klasiko bat, energia atomikoaren industriak istripuen kalteak neurtzerakoan ezarri nahi izan duen kontsentsua auzitan jarri zutelako: "Kontsentsuaren mitoa Gezur Handi bat da". Yablokovek salatu izan duenez, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearen argudioak behin eta berriro errepikatzen ari diren adituak gaia osotasunean aztertu gabe, edo ezjakinak dira –eskuzabal epaitzekotan– edo erabateko gaiztoak. Haurrak gaixotzen ari dira gobernuak ez direlako gai onartzeko erradioaktibitateak –baita dosi txikietan ere– bizia suntsitzen duela, gorputzetan malformazioak eragiten, kantzerrak eta beste hainbat gaixotasun sortzen. "Planeta honetako milioika pertsonari –diote internetez doan eskuragai dagoen liburuan– Txernobylgo laugarren erreaktorearen leherketak bitan erdibanatu die bizia: lehenagokoa eta ondorengoa. (...) Inongo herrialdetako ezein pertsonak ezin du pentsatu irradiazioen kutsaduratik babestuta dagoenik. Erreaktore nuklear batek planetaren erdia kutsa dezake. Txernobylen eraginak Ipar Hemisferioa osorik estali zuen. Eta galderek hor diraute: zenbat partikula irradiatu zabaldu ziren munduan zehar? Zenbat irradiazio dago oraindik zentralari ipini dioten sarkofagoaren barruan? (...) Hiru mila milioi jendetik gora bizi dira Txernobylek irradiazioz kutsatutako eremuetan. Europako 13 herrialderen zabaleraren %50etik gora harrapatu zuen eta beste zortzi gehiagoren %30etik gora. Biologiaren eta estatistikaren legeak kontutan hartuz, eskualde horietan kalteak agertuko dira ondorengo belaunaldi askotan". Kutsadura eta osasuna, politika da Chris Busby zientzialari britainiar ezagunak, Yablokovekin elkarlanean sarritan jardunak, hil berriari deitu dio " Scientific giant of the post-Chernobyl age ", gai izan zelako inglesez jarrita munduan zabaltzeko Errusiako aditu disidenteak istripuaz ekoizten ari ziren dokumentazio zientifiko aberatsa, eta bere borrokarekin urratu zuelako lobby nuklearrak ipinitako estalkia. Industriak, eta hauen gerizpean agintariak, prest daude onartzeko istripu nuklear batek sortutako irradiazioen  atal batzuk, lehen egun eta orduetan zabaldutakoek gorputzei kanpotik eragiten dietenak, dosi handikoak. Aldiz, Busby, Yablokov eta beste zientzialari batzuk proposatzen dute kontutan hartzea dosi txikiagoko irradiazioak eta gorputza barnetik kaltetzen duten partikulak, gaixotasun bihurtu arte urteak edo belaunaldiak eman ditzaketen arren kalterik handienak horiek eragiten dituztelakoan. Irradiazioen arrisku eredu alternatibo horren berririk apenas iristen den herritarren belarrietara, baina esplikatzen ditu oraindik ere Errusia, Ukraina eta Bielorrusiako lurralde kaltetuetan ikusten diren osasun arazo larriak eta kontutan hartu beharko genituzke Europa osoan ere. Hildako lagunaren agurrean Busbyk idatzi duenez, "elkarrekin lanean hasita laster ohartu ginen irradiazio bidezko kutsaduraren eta osasunaren arteko loturarena funtsean gai politikoa dela eta bigarren maila batean dela zientifikoa". Industriak eta politikak atomoaren kalteen jakintza lausotzen praktikan nola saiatzen den konprenitu nahi duenak, interneten dauka Suitzako telebista publikoak 2004an ekoiztutako 50 minutuko " Nuclear Controversies " dokumentala ( hemen frantsesezko azpitituluekin ), Txernobylgo hondamendia gertatu eta lau urtera Kieven antolatutako biltzarra jasotzen duena. Bertan entzun eta ikus daitezke bi aldeetako argudioak, tartean Yablokov berarenak, haserre kutsaduraren eraginak minimizatu nahi dituztenekin: "Zientziarekin frogatu ezin dituzten informazioak zabalduz, kutsatuentzako kalte-ordainak aurreztu nahi dituzte". Errusiako establishmentarentzako Yablokov eta bere lagunek egindako bekatu handia, hala ere, izan zen publikoki zabaltzea armada sobietarrak Artiko itsasoan hondoratuta abandonatutako urpeko atomikoen eta bestelako hondakin nuklearren albisteak. Artikoko Kara itsasoan, Zembla Berria uhartearen inguruko urpean dautza: hondakin erradiaktiboz betetako 17.000 kontainer, 19 bapore gai erradioaktiboak dauzkatenak, 14 erreaktore nuklear zeinetatik bostek oraindik erregaia barruan daukaten, 735 makina astun erradiazioz kutsatuak eta, sortaren lore ustelena, K-27 urpeko atomikoa, barruan bi erreaktore nuklear dituela. Sistema sobietarrak, bere kolapsoan, ez baitzekien zer egin hondakinokin. Dirua eskas. Eskandaluaren mendeku, agintariek atxilotu zuten Alexander Nikitin militar ohi eta Bellona erakunde ekologistara bihurtua, sekretu militarrak haizatzeagatik. Alexei Yablokovek bere jakintza, diplomazia eta ospea jokatu behar izan zituen Nikitin traizioagatik epaitu zuen auzian, errugabe irtetea lortu arte.
news
argia-7610782f96e8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/kapitalismoa-eta-vatikanoaren-diplomazia.html
Kapitalismoa eta Vatikanoaren diplomazia
Juan Mari Arregi
2017-02-05 00:00:00
Kapitalismoa eta Vatikanoaren diplomazia Munduko kapitalismoaren elitea Davosen elkartu da egunotan, eurei etekinak eman bazterkeria sortzen duten politikak nola mantendu aztertzeko. Bitartean, Aita Santuak elkarrizketa luzea izan du El País egunkariarekin, Vatikanoaren diplomazia nolakoa den agerian utziz. Aita Santuari "kezka" sortzen dio "talde txiki batek munduko fortunaren %80 izatea", baina bere hitz diplomatikoak ez dira harago joan. Galdetu diote ea gobernuak neurrian erantzuten ari diren migrazioen arazo larriaren aurrean, eta Aita Santuak erantzun: "Norberak ahal duena edo nahi duena egiten du. Zaila da horri buruz iritzia ematea. Baina bistan da Mediterraneoa hilerri bat bilakatu izanak zer pentsatu eman behar digula". Milaka hiltzen dira Mediterraneoan. Ez al dago arduradunik migratzaile esportatzaile diren herrialdeetan gerrak sustatzen dituztenen artean? Zergatik ezkutatzen ditu arduradunak Aita Santuak? Zergatik ez du gehiago zehazten, esaterako "terrorismoa" kondenatzen duenean bezala? Elkarrizketan ez du "kapitalismo" hitza aipatu ere egiten. Une batez, Hego Amerikaz ari denean, esaten duen ari dela jasaten "liberalismo ekonomikoaren enbata". "Nik Evangelii Gaudium-ean [Francisco Aita Santuak 2013an egindako erregu apostolikoa] kondenatu egin dut, ekonomia horrek hil egiten baitu, hiltzen du gosez, kulturaz…". Sistema ekonomiko horren erdian "Diru jainkoa" dagoela dio, eta "bazterkeria politika handiak" egiten direla bere kontura. Baina hala ikusten badu, zergatik ez ditu kondenatzen kapitalismo hori gestionatzen duten munduko gobernuak eta haien arduradunak? 2016an Mediterraneoko tragediak 5.000 hildako utzi zituen. Hainbeste diplomazia vatikanoar soberan dago, benetakotasun profetikoa falta da.
news
argia-640f1af836cb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/lubakietatik-mahaira.html
Lubakietatik mahaira
I�aki Martinez De Luna
2017-02-05 00:00:00
Lubakietatik mahaira Euskalgintzan jakin badakigu euskara normaltzeko gizarte baldintzak ez direla egokienak. Sobera ezaguna zaigu ere euskalgintzaz kanpoko beste horiek –alderdi, instituzio, gizarte eragile edo herritar xumeak izan–  asmo horri begira hartzen duten konpromisoa ez dela guk nahiko genukeen bezain sendoa. Horrela jarrai genezake beste hainbat kexu aletzen euskararen normalkuntzaz, baina fokua ez dut "beste horiengan" jarri nahi oraingoan, euskaltzaleengan baizik. Xede horrekin, Garikoitz Goikoetxearen Euskara irabazteko bidean liburutik hartu dut hainbat testigantza, eta interesa piztu didaten gaien artetik bi ekarri ditut lerro hauetara, horrela, liburu horretan elkarrizketatu izan diren batzuen kezkak islatuz. Lehen ideia: bi euskalgintzek –sozialak eta instituzionalak–  gainditu behar dute orain arte horiengan nagusitu den elkarrenganako mesfidantza, eta, beste aldeari dagozkion lekua zein garrantzia, elkarri aitortu behar dizkiote. Euskalgintzaren kapitala aktibatu behar da, nolabait, eta, Robert Putnam-en arabera, "gizarte kapitala"-k bi zutabe ditu: "harreman-sare sendoa" eta, hori ehuntzeko, "konfiantza maila altua". Horien eskutik letozke hurrengo urratsak: alde bakoitzari dagozkion rolak argi definitzea eta, etorkizunerako estrategia orokorra elkarrekin diseinatu eta hori garatzeko, dinamika egonkorra sortzea. Komunikazio egokia garatzeko, lehen-lehenik, ezagutarazi nahi denaren barne egoerak sendoa izan behar du. Ezin da besteen aurrean itxuroso eta erakargarri agertu, izatezko osasunik ezean Bigarren ideia: euskalgintzaren ikusgarritasuna, batez ere erdal giroetan, ia hutsaren hurrengoa dela aitortzea. Euskara eta euskalgintza ez daude gizarte muinean txertatuta; praktikan, ez dira gure herrian zutabe. Eta gizartean ikusezina dena, ez da aintzat hartua izaten; bere predikuek ez dute eraginik. Komunikazioak badu zeresana gabezia horretan. Egia da hedabide nagusi gehienek ez diotela euskararen unibertsoari arreta egokirik eskaintzen. Baina, ez gaitezen beti "beste horiei" begira jarri. Aitor dezagun euskalgintza era egokian berrantolatzea eta komunikazio eraginkorra bultzatzea "gure esku" dagoela, neurri handian. Hala ere, komunikazio egokia garatzeko, lehen-lehenik, ezagutarazi nahi denaren barne egoerak sendoa izan behar du. Ezin da besteen aurrean itxuroso eta erakargarri agertu, izatezko osasunik ezean. Epe luzeko komunikazioan ezin da ziria sartu. Beraz, lehenengo ideiara bueltatuz, ekin diezaiogun bi hankako –herritar eta instituzional– euskalgintza koordinatu eta sendoa eraikitzeari. Soilik horrela izango da posible komunikazio eraginkorra lortzea. Horrela baino ez dugu agerian jarriko "gizartean bagarela". Hortaz, egin dezagun jauzi lubaki-borrokatik kontraste eta elkarlaneko mahaira.
news
argia-fe9c6e8c9f94
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/eliza-katolikoa-eta-sexu-abusuak-isilpean-egon-diren-bi-kasu-epaitegietara.html
Eliza katolikoa eta sexu abusuak: isilpean egon diren bi kasu epaitegietara
Ainhoa Bretos
2017-01-26 00:00:00
Eliza katolikoa eta sexu abusuak: isilpean egon diren bi kasu epaitegietara Juan Kruz Mendizabal apaizaren kontrako lehen salaketa aurkeztu dute Donostiako epaitegietan, sexu abusuengatik. Horrez gain, Bizkaiko Lurralde Auzitegian epaituko dute Gaztelueta Opus Deiko ikastetxeko irakasle ohia, ikasle bati sexu erasoak egitea leporatuta. Gipuzkoako Fiskaltzak adierazi duenez, Mendizabal Donostiako bikario ohia salatu dute auzitegian. Urtarrilaren 12an hartu zuen Jose Ignacio Munilla Donostiako Elizbarrutiko gotzainak bulegoan Mendizabalen abusuak jasan zituela adierazi zuen azken gizona, eta hura izan da salaketa jarri duena.   Aurretik ere apaiza salatu zuten bi gaztek, 2001ean eta 2005ean jasandako erasoengatik. Gaia isilean eraman du Elizak, bi gazteek euren kasua jendaurrera ateratzea erabaki duten arte. Gotzainak adierazi du "Mendizabal eliz zuzenbidearen arabera epaitu beharko litzatekeela", ohiko justiziarekin "bateragarria" delako, eta "delituen iraungitze datak luzeagoak direlako". Fiskaltzak, bestalde, ikerketa abiatu zuen kasu horien berri izan zuenean. Gaztelueta Ikastetxeak delitua estaltzera jo duela dio biktimaren aitak Leioako Gazteluetako ikasle batek irakasle bat salatu zuen 2015ean, sexu erasoak egitea leporatuta. Bizkaiko Lurralde Auzitegian epaituko dute kasua otsailaren 14an. ElDiaro.es egunkariak elkarrizketa egin dio haren aita den Juan Cuatrecasasi. Azaldu duenez, "biktimaren familiak ez du etsiko abusuak publikoki onartu eta errudunak kondenatzen diren arte". Izan ere, ikastetxeak hainbat ikasle eta irakasle bultzatu zituen salaketa ukatzen duen dokumentu bat sinatzera, Cuatrecasasek adierazitakoaren arabera. Haren ustez, Gazteluetak eskura zituen bideak erabili ditu "irakasleak egindako delitua estaltzeko", jarrera "tranpati eta axolagabea" izan du, eta "katolizismoak berez dituen baloreen aurka jokatu du".    Horrez gain, Opus Dei erakundearen, Espainiako Elizaren, Bilboko gotzainaren eta Espainiako Apezpiku-batzarraren jarrerak ere erabat hutsalak izan direla adierazi du Cuatrecasasek. Zentzu horretan, otsailaren 14ko epaitetan "justizia egitea" espero duela esan du, eta "instituzio guzti horiek isildu dutena publikoki onartzea".
news
argia-df54df6623f2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/badator-euskal-zinemaren-uzta-berria.html
Badator euskal zinemaren uzta berria
Gaizka Izagirre
2017-02-05 00:00:00
Badator euskal zinemaren uzta berria Film laburretan eta fikziozko film, kontakizun esperimental eta batez ere dokumentalen alorrean urte oparoa izan da 2016a: Oihalak adarretan, Gaur irekiko ditu ateak, Pedaló, Sipo Phantasma, Mara-Mara, Irrintziaren Oihartzunak, Gure hormek… Hurrengo hilabeteetan ere izango da euskal ekoizpenik, 2017ko uzta berrian. Zeintzuk dira estreinatuko diren izenburu aipagarrienak? Abenduaren 12an hasi zuten Errementari filmaren grabaketa. Jose Migel Barandiaranek jasotako Patxi Errementaria herri-ipuinaren moldaketa librea izango da, Kandido Uranga, Eneko Sagardoy, Joxean Bengoetxea eta Ramon Agirre protagonista. Paul Urkijo zuzendari gasteiztarraren lehen film luzea "errementari zital bati buruzko baserri giroko ipuina izango da: gizona hain da gaiztoa ezen deabruek ere beldur dioten". Urkijok lau urte daramatza txikitatik bere ipuin gogokoena izan den horretan lanean; "betidanik egin nahi izan dut horri buruzko pelikula bat". Arabako euskara erabiltzea da 'Errementari' filmaren berezitasunetako bat Filmaren beste berezitasunetako bat hizkuntza da: galduta dagoen euskalki baten traza eman diote, Arabako euskararena. Euskalki hori berreskuratzeko eta ulergarri egiteko, Koldo Zuazo hizkuntzalariaren laguntza izan dute. Estreinaldia 2017ko udazkenerako aurreikusten da. Aundiya : mitoa eta errealitatea Loreak eta 80 egunean filmak sortu dituen Moriarti ekoiztetxea dago Aundiya filmaren atzean ere. Kasu honetan, zuzendari lanetan Aitor Arregi eta Jon Garaño ariko dira, "Altzoko Aundiya" ezizenez ezaguna egin zen Migel Joakin Eleizegiren istorioa pantailaratzeko. Bere gorpuzkera handi eta berezia zela-eta, Espainia, Portugal, Frantzia eta Ingalaterrako Gorteetara eraman zuten Altzon jaiotako gizona, errege-erreginek ikus zezaten. Mitoaren eta errealitatearen inguruko gogoeta eskainiko da pelikulan. Ramon Agirre, Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Aia Kruse, Iñigo Aranburu eta Iñigo Azpitarte aktoreek parte hartu dute, besteak beste. Loreak en ibilbide oparoa errepikatzeko gai izango dira? Sorpresaren zain Ezin ahaztu Aitor Bereziartua zuzendariaren lehen lana izango dena, Lisbeth . Aranzadirekin elkarlanean sortutako proiektua da, Olatz Retegi Recalde antropologoaren laguntzarekin. 1947an Donostiako Bidebieta auzoko baserri batean jaiotako emakumea du protagonista; gerraosteko errepresio kultural, politiko, ekonomiko eta linguistikoa hurbiletik jasan zuen. Dokumental honen bitartez, iraganaz hausnartu nahi du zuzendariak. Testigantzak eta frogak bilduko dituzte, txikitik abiatuta, gaia era zabalean lantzeko. Intentzioa apirileko Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian estreinatzea da. 'Lisbeth' filmak iraganaz hausnartzeko asmoa dauka joan den mendeko erdialdean kokatutako istorio batekin Estreinaldi ofiziala iaz izan zen, baina oso zabalkunde txikia izan zuenez, ea aurten Iratxe Mediavillaren Argi ikusteko aukera dugun. 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetako Elorrion kokatutako istorioa kontatuko digu. Ezin ahaztu Lekeitioko 39. Euskal Zine Bileran ikusitako film labur eta dokumentalak ere. Tartean Natxo Leuzaren N'Diawaldy Bouly , Begoña Vicarioren Beti bezperako koplak eta Maite Bidarte eta Koldo Garciaren Karta astrala . Aundiya eta Errementari tituluek dirudite, aurretik begiratuta behintzat, izenburu "potoloenak", baina ez ahaztu iazko sorpresetako bat inork espero ez zuen abentura nautiko surrealista izan zela ( Pedaló ). Erne beraz datozen asteetan iragarriko dituzten film berriei, eta, batez ere, irailean Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean ikusi ahalko ditugun ezustekoei. Euskal Zine Bileran omendu zuten Benito Ansolak esan zuen bezala, "garrantzitsuena da zinea egitea eta euskaraz egitea".
news
argia-474bdf3c38ad
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/botoia.html
Botoia
Edu Zelaieta Anta
2017-02-05 00:00:00
Botoia Botoi gorriaren mamuak zeharkatu zuen gure haurtzaroa, gero eta urrunago dagoen 80ko hamarkadan. Nik ordukoaz gogoratzen dudanaren arabera, gerra hotzaren ondorioz, halako botoi gorri batzuk irudikatzen genituen munduko (eta batez ere munduaren) agintari ahaltsuenen bulegoetan. Esan gabe doa, iparramerikarrek egindako pelikulak lagun, errusiarrak hartzen ohi zirela mehatxu nagusitzat planetaren hondamen nuklearra ekartzeko. Haurtzaroaren mamua berritu dit iparramerikarrek eskaini diguten Obamaren eta Trumpen arteko botere-eskualdatzearen ekitaldiak: gizon zuriaz eta gizon beltzaz gainera, egon da hirugarren protagonista bat: (gizon militar batek eskuan zeraman) larruzko maleta bat. Ingelesezko Wikipediak agertzen duenez, besteak beste, the button izena ere ematen zaio maleta horri. Eraso nuklearra aktibatzeko kodeak eta argibideak omen ditu botoiak . Kennedyz geroztiko presidente estatubatuar orok eskuratu izan du maleta, eta karguan iraun bitartean ondo-ondoan eduki izan dute denek. Zer gerta ere. Trumpen eskuetan dago orain egiazko botoirik ez omen duen botoia . Neurez dudan joeraren kontrara, nostalgia mikorik ere ez dut sumatu.
news
argia-0550e0b8bac0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/agur-obama.html
Agur Obama
Asier Blas Mendoza
2017-02-05 00:00:00
Agur Obama Barack Obamak AEBetako presidente kargua hartu zuenean, barne eta kanpo politika sakonki aldatuko zituela espero zuen askok. Iragarritako promesen artean, gerrekin amaitzeko borondatea zegoen eta askok sinetsi egin genuen. Gurasoek bere seme-alabarentzat nahi luketeen bikotea da Barack Obama: edukazio onekoa, azkarra, atsegina eta liraina. Hori guztia gutxi bailitzan, dantzan ondo baino hobeto egiten du! Lehen begiratuan enamoratzeko politikaria da Obama, bestela galde diezaietela Bakearen Nobel saria eman ziotenei. Urtebete ez zeraman presidente karguan jaso zuenean, baina ordurako George W. Bushek hondoratu zuen prestigio yankia berreskuratua zuen Obamaren irribarreak. Presidenteak flow -a zuen. Arrakasta bereziki Europan izan du. Kontinente zaharrak oso elitista jarraitzen du izaten moralki. Sinetsarazi digute "gure" zibilizazioa dela munduko demokratikoena, garatuena eta kultuena. Horregatik, gure eliteak ez zuen gustuko George W. Bush ezjakin, baldar eta alferrontziak zituen formak. Denborak erakutsi du Europa zaharreko herrialdeek ez zutela funtsezko desadostasunik neocon belatzen nazioarteko politika gerrazale eta inperialistarekin, baizik eta formekin. Obamaren nazioarteko politika aurreko administrazioaren jarraipena izan da. Orduko lan-taldeetako pertsona ugarik egin dute karrera Obamarekin, bi adibide paradigmatiko dira Robert Gates eta Victoria Nuland. Lehenengoa Defentsa idazkari (ministroa) izendatu zuten Bushen agintaldian eta Obamarekin karguan jarraitu zuen 2011ra arte. Nuland, berriz, Dick Cheneyrekin aholkulari gisa izatetik Obamarekin "ministrorde" izatera pasa zen Estatu idazkaritzan (Kanpo harremanetarako ministerioa). Obamak ia boy scout baten pare utzi du Bush. Lehenak zazpi herrialde bonbardatu ditu, bigarrenak lau. Baina benetako diferentziak bonben eta aire eraso kopuruari begiratuta topa daitezke. Bushek 50 eraso egin zituen droneen bitartez, Obamak 500dik gora Gauzak horrela, Obamak ia boy scout baten pare utzi du Bush. Lehenak zazpi herrialde bonbardatu ditu, bigarrenak lau. Baina benetako diferentziak bonben eta aire erasoen kopuruari begiratuz topa daitezke. Bushek 50 eraso egin zituen droneen bitartez, Obamak 500dik gora. Agintari demokratarentzat nazioarteko legedia hausteak hobby-a zirudien, bonbak botatzea bezala, 2016an soilik eguneko 72 bonba jaurtiki zituzten AEBek. Bestalde, ez dira gutxi izan babestu edota sustatu dituen estatu kolpeak, kasu batzuetan ez da ezkutatzen ere saiatu, CNNn emandako elkarrizketa batean esan zuen Ukrainako erregimen aldaketa beraiek negoziatu zutela (eufemismo ederrak ez dira falta izan noski). Halere, Ukrainakoak deus gutxi dirudi Ekialde Hurbilean sortu duen anabasarekin alderatzen badugu. Txiste txar bat balitz bezala, Mendebaldeko hedabideetan AEBetako hauteskundeetan Errusiak izan duen balizko esku-hartzearen inguruko frogarik gabeko konspirazio guztiek lerro-buruak okupatu dituzte; aldiz, frogatuta dauden informazioak baztertu egiten dira era sistematikoan. Isiltasuna nagusitu da Mendebaldeko hedabideetan Clintonen emailek azaldu dutenean sobera jakina zena, hots, AEBek Al Nursa (Al Qaeda) armatu dutela eta bere aliatuak diren Qatarrek eta Saudi Arabiak ISISekin gauza bera egin dutela. Antzera gertatu da filtratu den John Kerry Estatu idazkariaren elkarrizketarekin. Kerryk argi utzi du AEBak burubelarri sartuta daudela Siriako gerran, inteligentzia militarrarekin eta muturreko islamismoa laguntzen. Baina urrunago doa, ISIS apropos indartzen utzi zutela aitortu du. Halere, berdin du, Obama guay da, eta beraz, lasai asko erabili ahal izan ditu armada eta terrorismoa munduko herrialde subiranoen erregimena aldatu eta Mendebaldearen esanetara jartzeko.
news
argia-c2bad5b2598f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/post-bizitzak.html
Post-bizitzak
Irati Elorrieta
2017-02-05 00:00:00
Post-bizitzak Postfaktiko hitza asmatu zen Trumpen kanpainaren inguruan. Alemaniako Hizkuntza Akademiak (Gure Euskaltzaindia ) 2016 urteko hitza aukeratu du. Postdemokratiko ere asko erabili da. Thomas Morusek Utopia argitaratu zuenetik 500 urte bete ziren 2016an; postutopiko ere izan liteke bizi dugun garaia. Orri gutxiko liburua da Utopia. Irakurleak ez du bertan aurkituko gizarte idealaren irudirik. Liburuaren bigarren zatian deskribatzen den Utopia izeneko uhartean: ez dago jabetza pribaturik. Ez dago pobreziarik. Lana derrigorrezkoa da. Sei orduko lanaldia egunero (utopiarrek; immigranteek gehiago). Gainontzeko denbora neurtuta eta araututa dago; batez ere, ikasteko (etengabeko formakuntzarako aukera). Bigarrenez adulterioan harrapatzen dutenari, burua mozten zaio. Aldiz, lapurretaren kasuan, heriotza zigorraren aurka mintzatzen da bidaiaria. Liburuaren lehen zatian, XVI.go Britainia Handiko errealitateaz mintzo denean, kriminalitatearekin bukatzeko erabiltzen diren neurriak kritikatzen ditu: "Horrela, lapurrentzako zigor ikaragarriak ezartzen dira (heriotza zigorra) hobe litzatekeenean haien beharrizanez arduratzea, inor ez dadin lehenengo lapurtu eta gero erailtzeko premia larrian suertatu". Oinarrizko beharrak ase dituenak ez du arazotan sartu nahiko, eta gizarte osoak profitatzen du. Argumentu horri tiraka, Morus oinarrizko errentaren aitzindaritzat jotzen da eta, nire iritziz, hori da liburu osotik gaurko mundurako interes handiena duen mezua. Oinarrizko errentaren aldekoek beti egin behar diote aurre alferkeriari zaion beldurrari. Existentzia ziurtatuta duenak, egingo luke lan? Edo alferkerian emango luke eguna? Thomas Morusen Utopia uhartean ez dago aukera hori, lana eta lana ez dena ere araututa daude. Ez dago askatasunik. Utopian ez dago inoiz inor ezer egin gabe. Nire bilaketa zuzena bada, Otiose hitza erabiltzen du Morusek. Ez dago tarte librerik Utopian. Arimaren etsaitzat jotzen zen itxuraz ezer egin gabe egote hori. Aisia eta alferkeria nahasten dituzte askok. Alemanez soinu ederreko hitz bat erabiltzen da: Müßiggang . Esaera baten arabera, gaitz edo bizio ororen hasiera da Müßiggang . Kafkak esan omen zuen gaitz ororen hasiera eta bertute ororen gailurra zela. Eta Kafta ez zen alferra. Aisialdiak izan ditu bere defendatzaileak: Kierkegaardentzat, ezer ez egiteko sena ez izatea ez da humanoa. Gaitasun hori gabe barbaroak izango ginatekeela idatzi zuen Russelek. Tschechowek, zoriona ez zela posible. Goethek egun eta ordu ez produktiboetan, beste zerbait egitea gomendatu zuen. Eta hau, errazagoa da esaten egiten baino. Finlandian aproba egiten hasi dira. Urte hasieratik, zozketaz aukeratu diren 2000 langabek 560 euro jasoko dute hilero, baldintzarik gabe, bi urtez. Lan merkatua sustatzeko esperantza du gobernu kontserbadoreak. Oinarrizko errenta baten erdia izango litzatekeenarekin hasi dira saiatzen.  Alemanian ere badago plataforma bat; dirua batzen du eta 12.000 euro bildu dituenean, urtebeterako errenta jasoko duena zozketatu egiten da izena eman dutenen artean. 74 pertsona izan dira gaur arte sarituak. Niri ez zait tokatu. Orain arte halako errenta batekin bizi izan banintz, nire bizitza nolakoa izango litzatekeen irudikatzen jarri naiz: 11 eta 8 urteko haurrak izango nituzke, 7 eta 4koak izan beharrean. Hiru edo lau liburu izango nituzke idatziak, ez bat. Inpultso egoista hori gainditu ondoren, gure gizartea irudikatuko nuke halako errenta batekin...
news
argia-8fbdf4d1e87a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/gazteraiki-topaketak-baranainen.html
Teoriatik praktikara, proiektu berriak lantzen
Iosu Alberdi Atxurra
2017-02-05 00:00:00
Teoriatik praktikara, proiektu berriak lantzen Gazte mugimenduek praktikarako salto kualitatiboa eman dute. Urtebeteko lanak proiektu berriak jarri zituen mahai gainean abenduko bigarren asteburuan Barañainen eginiko Gazteraiki topaketetan. Euskal Herri osoko mila gazte bildu ziren gazte mugimenduek eman beharreko hurrengo pausoak aztertu eta ondorioak ateratzeko. Bertan zer hitz egin zuten eta aurrera begira zer asmo duten kontatu digu Xalbador Ramirezek. Lana hamabi talderen artean banatu dute: sorkuntza, lana, komunikazioa, kirola, jai ereduak, gaztetxe mugimendua, feminismoa, euskara, etxebizitza, elikadura burujabetza, hezkuntza eta autodefentsa. Bakoitzak bere bidea eginez, eztabaidak identifikatu eta proiektu posibleen inguruan lan egiteko. Topaketen jatorriaren bila hasteko urtebete gehiago egin behar da atzera, 2015eko abenduaren 19ra. Orduan, Añorgako Firestone lantegi berreskuratuan proiektu ezberdinetatik iritsitako 60 gazte inguru bildu ziren. "Alternatiba errealak" sortzearen aldeko apustua egin zuten gazteek. Hilabetetako lanaren ostean, urrian "transbertsalitatearen eguna" ospatu zuten, lan talde bakoitzak aurrera eramaniko proiektuen berri emateko. Abenduan Barañainen landuko zutenaren oinarria. "Parte hartzaile guztiek zein proiektuen gainean eztabaidatuko zuten jakitea nahi genuen", dio proiektuaren lehen egunetik lanean aritu den Xalbador Ramirezek. Denbora horretan "onerako eta txarrerako" taldeak autonomoak izan dira, Ramirezek dioenez. Bakoitza bere erritmoan eta bere beharren arabera mugituz. Feminismoaren inguruan aritu den taldeak bost lagun inguruko lau azpitalde izan dituzte eta beste batzuek lau partaide guztira. "Antolaketa ereduaren inguruan badugu zer hausnartu", dio, "horizontaltasun horretan dauden gauza on eta txarrak kontuan izateko". Ramirezen arabera: "Ez genuen nahi eztabaidak bakarrik egingo lituzken proiektu bat, horrelakoak aurretik egin dira". Bi oinarri nagusi hartu zituzten hasieratik: autogestioa eta gazteak. Gazte mugimenduak aisialdiaren eta kulturgintzaren inguruan mugitu dira eta beste esparruetan ere "autogestioaren bidetik" lan egitearen alde egiteko beharra azpimarratzen du. Proiektuaren beste hanka gazteak dira eta beraien beharren arabera antolatzea ezinbestekotzat jo dute: "Gazteok baditugu behar espezifiko batzuk. Horrela, gazte boterearen eraikuntza gure bizitza ekonomiko, kultural, sozial eta politikoak gure gain hartu eta errespetarazteko prozesua dela deritzogu". Proiektu zehatzak, behar zehatzetarako Lantalde bakoitzak bere proiektuak abiarazi ditu, guztira hemezortzi. Hauen errepasoa egitean Ramirez izan dugu gidari: Gaztetxe mugimendua: aisialdian eta kulturan zentratu izan dela azaldu dugu lehenago, horregatik hau "birdefinitzeko" taldea sortu zen. Horretarako gazte mugimendu guztiari zuzendutako urratsak eman nahi dituzte, oinarrian dauden kultur mugimenduetatik abiatuta. Elikadura burujabetza: askotan gizartean, baita gazte mugimenduetan ere, elikatzeko era albo batera uzten da, ezjakintasuna edo erosotasuna medio. Horregatik, lan talde horrek Euskal Herriko nekazarien gida jarri zuen helburu gisa. Gazte mugimenduen inguruan egiten diren ekintzetan elikadura burujabetza bermatzeko proiektua da. Bertan modu jasangarrian ekoizten duten nekazarien zerrenda egin nahi dute. Helburua bikoitza da: nekazari gazteak saretu eta gazteak kontzientziatu. Etxebizitza: honen inguruan bi proiektu nagusi sortu dira: emantzipazio bulegoak sortzeko gida eta etxegabeon etxea. Lehenak, problematika honek gainontzekoekin duen lotura estua kontuan izanik, emantzipatzen laguntzeko gida izan nahi du. Idatzita egon arren, erabilera egokiaren bila dabiltza, esku egokietan jarri eta lanari ekiteko. Etxegabeon etxeak ere bide beretik jotzen du, webgune baten bidez (etxegabeonetxea.eus) gaiaren inguruko dinamika eta proiektuak saretzeko. Euskara: "zapalduen hizkuntza" hitzak erabili ditu euskalduntze gida sortu duen taldeak hizkuntza definitzeko. Hau ere jada idatzirik dago, tresna erabiltzeko modu egokiena aurkitu zain. Euskal Herri borrokalariaren oinarrietako bat euskara da eta horretarako hizkuntzarekiko jarrera aldatzeko beharrean dago mugimendua, egileen ustez. Feminismoa: lan horretan barneratu den lan taldea izan da guztietan handiena, "iraultzaren lurzorua" behar duen pentsaera. Hiru hanka izan dituen lana egin dute: gaiaren inguruko plataforma birtuala, talde osasun gida eta udaleku feministak. Plataforma birtualaren bidez baliabide pertsonal eta materialak bildu nahi dituzte, hausnarketarako eta eztabaidarako foro batek lagundua. Barañainera proiektu zehatzik gabe iritsi arren, bertatik atera zen aurrera egiteko taldea, Euskal Herriko eragile desberdinak batzeko. Talde osasun gidak xede garbia du: "Militantzia eredu jasangarria". Gazte mugimenduetan sortzen diren arazoen erantzunak batu nahi dituzte bertan. Bestalde, udaleku feministak daude, neska gazteak bildu eta "espazio feministak sortzeko" geralekua. Oraindik data zehatzik ez izan arren, jada proiektua prestatzen ari dira. Jai ereduak: jaietan ere "borroka" egin behar dela azpimarratzen da askotan. Horretarako taldeak jai herrikoiagoen alde apustu egin nahi du, kontsumo ereduetatik at. Jai herrikoien konpromisoen gida sortuko dute, zortzi esparru bereganatuko dituena: musika, euskara, parte-hartzea, ekoizleak, zaborra, harremanak eta erasoak, kontsumo eredua eta borroka. Eremu horietako bakoitzak dekalogo bat izango du, jai batzorde edo gazte konpartsek "eraldaketarako tresna" gisa erabili dezaten. Kirolak: Gizartearen barruan zeresan handia ematen duen jarduera da honakoa, batez ere gazteen artean. Hori kontuan izanda Soin Hezkuntzako Euskal Erakundeko (IVEF) fakultateko ikasle talde bat lanean jarri da. Kirol arloan eztabaidarako oinarri izango den txosten bat kaleratu nahi dute, eredu alternatiboen bidez espazio seguruak sortzeko helburuarekin. Lana: Gazteen ardura handienetako bat bihurtu da azken urteetan. Gero eta egoera prekarioagoen aurrean daude gazteak. Lan taldeak Hipotekagatik Kaltetutakoen Plataformaren antzeko eredua erabiltzearen alde egin du, baina lan mundura eramanda. Lan baldintza txarren aurrean saretu nahi du, sindikatu gabeko langileak babestu. Adibidez, jada martxan den Iruñerriko Autodefentsa Laboraleko Mugimendua eta bestelako gazte prekarioen espazioak marko komun batean elkartuz, autonomoki lan eginez, baina interes komunekin. Gazte prekarietatearen aurkako mugimendua sortu nahi dute, kontzientziazioa helburu. Sorkuntza: "Kulturaz gozatzeko" eredu berrien bila abiatu zen Firestonetik talde hau. Bi hanka musika, artea edo ikuskizunez gozatzeko: kultura askea eta autogestioa. Bi aldetako lana da ikuskizunak sortzea, antolatzaile eta sortzaileena. Biek eskubide eta betebeharrak dituzte. Horretarako praktika onen gida bat behar dela uste dute. Halere, taldeak martxan duen proiektu nagusia sortzaileen saretzea da, Euskal Herriko sortzaile autogestionatuak bilduko dituena. Bestetik, kulturaaskea.eus ataria tresna gisa nola erabili aztertu zuten. Hezkuntza: etorkizunaren oinarri denak ere talde propioa izan du. Kasu honetan jada sortuak dauden mugimendu eta proiektuez aritu dira  topaketetan, "sakontzeko". Eskola kolektiboak eratzeko proposamena martxan da, "ikuspegi askatzailea garatzeko asmoz". Nazio eraikuntzara eta jendartearen eraldaketara zuzendutako proiektu errealak dira xedea, bi terminoak unibertsitatearekin lotuz. "Ikuspegi konkretuetatik orokorretara". Ikerbiltza joango litzateke honekin lotuta, "ezagutzatik boterea egituratzeko" sortu nahi duten ekimena. Ikerketek proiektu eraldatzaileetan eragin dezaketen bultzada kontuan izanik, hauei balore politikoa eta praktikoa eman nahi diete. Unibertsitateko azken mailetako ikasleak ikertzaile bihurtuko dira horretarako. Ikerketa laborategia ere sortzeko asmoa dute, "proiektu guztiz berria, gazte kolektiboak dituen beharren gainean hausnartuko duena". Joxemi Zumalabek herri mugimenduekin egiten duen bidetik, arazoak aztertu eta konponbideak bilatzeko tresna izango da. Helburu garbia du: analizatu, epe labur-ertaineko hutsuneak identifikatu eta mugimendua sendotu.   Autodefentsa: gazte mugimenduen proiektuak defendatzeko landu da. Proiektu zehatzik oraindik martxan ez dagoen arren, helburu zehatza da: "edozein eratako erasoen aurrean defendatzea". Komunikazioa: Eginiko guztia komunikatu beharra dago eta horren inguruan hausnartzeko beharra zuten Barañainen. Komunikazio taldeak Topatu identifikatu du tresna nagusi gisa eta eskualde edo herri mailako proiektuekin saretzeko bideen bila aritu dira. Horrekin batera gazte telebistaren sorrera etorriko litzateke, sarearen bidez zabaltzeko. Halere, Barañainen izan zuten eztabaida handiena militantzia komunikatiboaren figuraren ingurukoa izan zen: "Komunikazioa guztion ardura da, ez da profesionalizatu behar den zerbait". Komunikazio arloko militantziari ematen zaion balorea kontuan izanik, jarrera komunikatiboa sustatzea ezinbesteko ikusten dute taldean aritu direnek. Era horretan proiektu propioei ateak irekiz. Aurrera begira Gazteraikiko asanbladak aurrera jarraituko du, bide beretik, sortu diren ildoei babesa emateko, laguntza eskaintzeko. Etorkizunean topaketa berri batzuk, bide berriak irekiko dituztela pentsatuz, espazio berrien bila. Urtebeteko "prozesu konplexuari" balorazio positiboa egin diete. Molde berriak probatzeko erabili duten prozesua izan da gazteen ustez, "arriskatuz" egin dutena. Aurrera begira bide beretik jarraitzeko asmoarekin, akatsetatik, baina bereziki asmatu duten puntuetatik abiatu nahi dute. Proiektu hauen helburua erabakiak hartzeko tresnak sortzea dela dio solaskideak: "Lehen urrats handia gazte boterearen eraikuntzan aurrera egiteko. Garbi genuen Barañaingo topaketak ez zirela ezeren amaiera izango". Esparru guztietan norabide honetan lan egiteko asmoa dute. Horretarako tresna gehiagoren beharra ikusten dute, "hauekin ez da nahikoa". "Filosofia honen alde egin behar dugu, epe luzerako proiektuak sortzeko, aisialditik eta kulturgintzatik harago", dio. Arrazoi hauengatik jarri zuten "gu geu gara alternatiba" leloa, "benetako alternatiba gazte mugimenduen baitan dagoelako". Aurrera begira, "herri eta gazte boterea" kontzeptuen bidez aldaketaren alde egin nahi dute. "Gazte eta herri boterea erdigunean jarriko duen borroka eredu baten beharra ikusten dugu eta gero eta argiago dugu nondik, norekin eta nola jo. Antolatuago gaude eta kontzientzia gehiagorekin", dio Ramirezek. Topatuk egindako bideo erreportajea
news
argia-c56630337496
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/existentziaren-balantzak.html
Existentziaren balantzak
Iratxe Retolaza
2017-02-05 00:00:00
Existentziaren balantzak Dorrearen eta penduluaren arteko ituna poema-liburuan ugari dira Amaia Iturbideren poetikaren arrastoak: tematikari begira, giza existentziaren zauriak eta ezinegonak ditu hizpide nagusi; sinboloen esparruan, izan badira erromantizismoan maizturiko imajinarioak (desertua, itsasoa, ibaia eta zuhaitza), bainabadira abangoardiak xehaturiko irudiak ere (ausiabartza, hondakinak, harea eta espazio urbanoak). Halaber, komunitate zein nortasun hautsiak bihurtu ohi ditu poesia-gai Iturbidek. Baina, liburu honetan puskek edo atalek ez dakarte gogora osotasun galdu bat, edo errealitate hautsi bat, baizik eta mundua antzemateko modu jakin bat: "Mundua iragarriz bezala atalez atal antzeman". Puska edo ataletan arreta jarriz, ikusmen angeluak biderkatzera jotzen du. Azken batean, puska urratuekin mosaikoa osatzeko deia egiten du, puskak sormenerako osagai funtsezko bihurtuz. Iturbidek kezka existentzialak gorpuztera jo du berriro ere; baina, oraingoan nortasun ibiltari, zalantzati zein balantzakorrak hauskor baino sortzaileago irudikatu ditu. Zentzu horretan, itunaren eta orekaren ikuspegi berriak eraiki ditu. Ituna puskak josteko edo elkartzeko ariketa sortzailea da, baita orekari eusteko etengabeko borroka ere: oreka ez baitu zerbait egonkor eta estatiko gisa irudikatzen, balantzaka sorturiko gune ezegonkor gisa baizik. Balantza horretan, munduaren formetan bilatzen ditu bere ibiliak, bere urratsak, bere nortasuna eraikitzeko apurrak: nork bere urratsekin espazioan utzitako arrastoez dihardu, eta baita espazioek zein objektuek jendearengan utzitako arrastoez ere. Ibilbide horretan paisaia urrunak irudikatzen ditu (esaterako, Egiptoko paisaiak zein mitologia egiptoarra ere bihurtzen ditu nortasunean arakatzeko bide); baina, baita paisaia hurbil eta garaikideak ere (besteak beste, Bilboko arkitektura garaikidea ispilu du poetak).    Halaber, poema-liburu honetan behaketan zein ikusmenean oinarrituriko ezagutza-bidean arakatu du: "Bizitza arkatzez idatzitako eskuizkribua bailitzan/ irakurtzen duten begiez". Ikusmena gailentzearen ondorioz, arte bisualek garrantzi handia hartzen dute poema hauetan, eta esaterako, ugariak dira pinturaren inguruko erreferentziak (joera artistikoak, marrazketa-teknikak…). Are gehiago, nortasunaz eta existentziaz aritzeko, mapa bat edota kartografia bat eraiki du, barne-ezinegonak ikusgarri eta ukigarri bihurtzeko asmoz. Min eutsiei forma eman die, eta hain zuzen ere, existentziaren oinazeak arkitektura eta kartografia bilakatzeko trebetasuna erakutsi du beste behin.
news
argia-22bbc72f75cb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/artikoan-izotzik-gabeko-uda-izateak-parisko-klimaren-akordioaren-helburuak-lortzea-zailduko-du.html
"Artikoan izotzik gabeko uda izateak Parisko Klimaren Akordioaren helburuak lortzea zailduko du"
Unai Brea
2017-02-05 00:00:00
"Artikoan izotzik gabeko uda izateak Parisko Klimaren Akordioaren helburuak lortzea zailduko du" BC3, klima aldaketa aztertzen duen EAEko zentroko ikerlariek kalkulatu dute udan Artikoko izotz guztia urtzeak –mende erdirako iragarrita dagoen fenomenoa– uste baino zailago bihurtuko duela klima aldaketaren aurkako nazioarteko akordioak betetzea. Ikerlanean parte hartu duten Mikel González-Eguinok eta Sérgio Henrique Fariak azaldu digute zergatik. "Gure ikerketak larritasuna eman dio klima aldaketaren arazoari, ikusten ari baikara ez dagoela hainbeste denbora" Ikerketa egiteko Artikoari begira jartzea erabaki zenuten 2013an. Zergatik du hain garrantzi handia han gertatzen denak klima aldaketaren bilakabidean? Mikel González-Eguino : Garai hartan jakin genuen 2012an Artikoko itsas izotzak atzeraldi izugarria jasan zuela udan, ustekabekoa. Horrek alarma eragin zien zientzialariei. Guk ikerketa hasteko beharra sumatu genuen Artikoko gertakariek planeta osoko klimari eragiten diotelako, eta ez bakarrik hartz zurien habitatei eta abar. Sérgio Henrique Faria: Esan izan da udan Artikoa urtzeak abantaila batzuk ekarriko lituzkeela: ontzientzat bide berriak, itsaspeko baliabideak ustiatzeko aukera… Baina zer ondorio global izango du urtzeak. Zehazkiago, zer gertatuko da albedoarekin? Zer da albedoa? SHF: Eguzkitik datorren erradiazioa berriro espaziorantz islatzeko gaitasuna. Eta izotzak du gaitasunik handiena. Urtuz gero energia gehiago xurgatzen du Lurrak, eta horrek beroketa dakar. Beroketak, berriz, urtzea areagotzen du. Elkar elikatzen eta azeleratzen duten prozesuak dira.   MGE: Izotza galdu ahala, aukera gehiago dago izotza azkarrago galtzeko. Klima aldaketa aztertzen duen nazioarteko zientzialari taldeak, IPCCk, iragarrita du batere izotzik gabeko lehen uda 2040 eta 2060 artean izango dela Artikoan. Lehen uste zuten hori ez zela mende amaierara arte gertatuko, baina azken urteetako datuek erakutsi dute prozesua askoz arinagoa izango dela. Datu horiek ni neu egiten ari nintzen lanarekin erkatzea erabaki nuen, jakiteko Artikoko albedoa gutxitzeak nola eragingo dien klima aldaketa arintzeko ahaleginei. Ikerketaren emaitzak argitaratu berri dituzue. Ondorio nagusia da ahalegin horiek, gaur egun Parisko Klimaren Akordioan aurreikusita daudenak, are handiagoak izango direla uste baino. MGE: Bai. Gure artikuluaren mezu nagusia da joera mantentzeak eta hamarkada gutxi barru Artikoan izotzik gabeko udak izateak inpaktu handia izango duela berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketari dagokionez. Emisioak zero izateko unea bost eta hamabost urte bitarte aurreratu beharko litzateke Parisko Akordioan jasota dagoen helburu nagusia lortzeko: tenperaturaren igoera globala ez dadila izan bi gradutik gorakoa. Eta klima aldaketaren ondorioak arintzeko erabili beharko den dirutza %20 eta %60 bitartean handitu daiteke.   Zuen ikerlanaren ondorioek kutsu "politikoa" dute, nolabait. MGE: Nik parte hartu dudan ikerlanetan hau da ondorio garrantzitsuenak dituena. Esaten ari garena kezkagarria da, eta jakin egin behar da. SHF: Ikerketa honek larritasun handiagoa ematen dio arazoari. Nik ez nuen espero emaitza hain gogorra izango zenik. Diskurtsoa beti izan da "oraindik denbora dago". Bada, ikusten ari gara ez dagoela hainbeste denbora . MGE: Guk ez diegu politikariei zuzenean ahalegin handiagoa eskatzen, baina jakinarazi egin behar diegu gure ikerketaren ondorioen arabera Parisko Akordioaren helburuak lortzea ez dela hain erraza izango. Beroketa globala bi gradutik behera mantentzeko helburua aipatu dut, baina gainera Hitzarmenak dio ahal den neurrian tenperatura igoera 1,5 ºC ez gainditzen saiatu behar garela. Gure ondorioak argiak dira: hori lortzea dagoeneko ezinezkoa da emisio negatiborik gabe. Hau da, atmosferatik karbono dioxidoa kenduta. Nola? MGE: Gaur egun dauden modu bakarrak dira, batetik, basoberritze masiboa –zuhaitzak landatzea haiek karbono dioxidoa xurga dezaten–; bestetik, karbono atzemate eta biltegiratzea izeneko teknologia, oraindik zenbat kostatuko zaigun ere ez dakiguna, ez baitago hori egiten duen plantarik munduan; eta hirugarrenik geoingeniaritza , bide arriskutsua, planetaren geologia eraldatzen duen heinean. Hiru bideak izan dira oso kritikatuak ekar ditzaketen ondorioengatik, eta benetan funtzionatuko ote luketen ere zalantzan jarri dute askok. MGE: Hala da. Edozein kasutan, horiek 1,5 graduen muga ez gainditzeko neurriak lirateke. Garrantzitsuena bi graduena ez gainditzea da, eta horretarako emisio murrizketa azkar hasi beharko litzateke. Hori guztia jakinda, zer iritzi duzue urteroko klimaren gailurren eta gainerako ahalegin diplomatikoen erritmoaz? MGE: Hasteko, gogoan izan behar da azken gailurra, Marrakexekoa, Donald Trump presidente aukeratu zuten une berean egin zela, eta horrek zaildu egin zuela han zeudenek behar bezala negoziatzea. Nik uste dut arlo askotan aurrerapauso asko egiten ari direla eta hori ontzat jo behar dela, baina ez dugu emisioak murriztea lortzen, eta hori da gakoetako bat. Arazoak askoz azkarrago egiten du aurrera erantzunek baino, eta noizbait aldatu egin beharko da joera hori. Borondate politikoa behar da, eta ez hori bakarrik, baita herritarren sostengua ere. SHF: Dena den, gu baikorrak gara. Motel gabiltza baina azkenean irtenbideak aurkituko ditugu, hasiera batean nahiko genituzkeenak ez izan arren. Hobe izango zatekeen egoera honetara iritsi ez izana, baina behin iritsita zer? Bada, garestiagoa izango da, baina konponbidea aurkituko dugu.
news
argia-8f365d046fe9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/toxiko-kantzerigenoak-aurkitu-dituzte-umeentzako-pixoihaletan.html
Toxiko kantzerigenoak aurkitu dituzte umeentzako pixoihaletan
Ainhoa Bretos
2017-01-27 00:00:00
Toxiko kantzerigenoak aurkitu dituzte umeentzako pixoihaletan Ikerketa batek glifosatoa eta beste hainbat toxiko arriskutsu aurkitu ditu Frantzian saltzen diren pixoihaletan. Hori bereziki kaltegarria da umeentzat, horrelako substantziekiko sentiberagoak direlako. Guztira hamabi pixoihal marka aztertu ditu ikerketak, eta horietako hamarrek toxiko  arriskutsuak dituztela frogatu du. Besteak beste, glisofato herbizida arrastoak aurkitu dituzte pardeletan. Sustantzia horrek hormonak kutsatzen dituela eta kantzerigenoa dela diote hainbat txostenek. Glisofatoa eta aurkitu dituzten beste substantziak pixoihaletan egotea bereziki arriskutsua da. Izan ere, pardelak etengabeko kontaktuan daude umearen azalarekin, eta horrek erraztasunak ematen dizkio gorputzari toxikoak barneratzeko, are gehiago azala narrituta badago. Frantziako 60 Millions de Consommateurs aldizkariak egin du ikerketa, eta otsailean argitaratuko du glisofato hondakinak dituzten pixoihal marken zerrenda. Momentuz, adierazi du Baby Dry eta Eco Planete direla kutsatuen daudenak, eta inolako toxikorik ez duten markak Love&Green eta Leclerc direla.   Umeak helduak baino sentiberagoak dira substantzia toxikoekiko Umeen kasuan, organismo sistema ez dago guztiz eratua, osatzen ari da oraindik. Euren gorputza oso modu azkarrean ari dira hazten eta garatzen. Hori dela eta, kilogramoko, heldu batek baino substantzia toxiko gehiago xurgatzen ditu ume baten azalak. Horrez gain, gaitasun txikiagoa dute kanpoko kutsatzaileak neutralizatu eta deuseztatzeko. Toxikoek ez dute berehalako kalterik eragiten, baina hainbat urte igaro ostean azaldu daitezke ondorioak, baita hurrengo belaunaldietan ere.
news
argia-ffcbc82fcf37
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/hiltzea-erraza-eta-bizitzea-zaila-denean.html
Hiltzea erraza eta bizitzea zaila denean...
Alejandra Goikoetxea
2017-02-05 00:00:00
Hiltzea erraza eta bizitzea zaila denean... Urtarrilaren 16an Arriaga Antzokian eskainitako emanaldia. Aktoreak: Jose Ramon Soroiz, Maiken Beitia, Eneko Sagardoy, Gorka Martin, Jon Casamayor, Kepa Errasti, Mikel Laskurain, Nerea Elizalde eta Tania Fornieles. Zuzendaritza eta sokuntza: Mireia Gabilondo (zuzendaria), Patxo Telleria (testua), Ana Pimienta eta Fernando Bernues (jatorrizko ideia eta argumentua) Hurrengo euskarazko emanaldiak: Martxoan Eibarren eta Apirilean Donostian. Arriagako alfonbra gorria zapaldu eta bigarren solairura igo gara. Ohiko urre koloreko harmailen arrastorik ez; ahots batek 1942.urtean Varsoviako umerzutz-etxe batean gaudela gogora ekarri digu emanaldiaz gozatzera gerturatu garen ikusleoi. Umerzuztegiko altzariak izan dira gaurko gure butaka, otorduaren inguruan eseri dira gutako batzuk eta besteok literetan hartu dugu lekua.   Mikak hasierako egunetan lurrean lo egin nahi izan zuela kontatu digu hasierako ahots berdinak, ordura arte oherik ezagutu gabekoa zelako. Nire goiko ohean lo egiten duen Ivan ere aurkeztu digu eta ni neu antzerkiak iraun bitartean Klara izango naizela ohartu naiz jarraian. Klaraz eta nire inguruan lo egiten duten beste 200 umeetaz hasiera batean ezer gutxi badakit ere, Klarak bere amaren argazkia duen idunekoa gauero burukoan gordetzeak, gertukoenen oroitzapen urriekin bizi den neskatoaren lekua betetzen ari naizela pentsarazten dit.      Lekuan eta denboran ondo kokatu ostean hasi da Janusz Korczak mediku eta pedagogoari omen egiteko antzezlana. Gertutik ezagutu dugu Varsoviako umerzurtz-etxe hartako eguneroko martxa, arazoak kudeatzeko asmatutako epaiketen sistema, gosea eta oinarrizkoenaren premia. Protagonisten begietan ikusi dugu ezjakintasunak edo jakin nahi ezak sortutako ikara. Korczak eta Wilczynskak eratutako familia, eta umeenganako maitasuna eta errespetua.   Egiazko umeen errepublika baten lekuko, eta partaide izan gara aldi berean. Bukaerara arte haurrentzako bizitza duin baten aldeko borrokan bizia galdu zuen mediku poloniarra ezagutu dugu. Euskarara ekarri dituzte medikuak garaian esandako aipuak eta lagungarria izan zaigu Korczaken izateko eran are gehiago sakontzeko. Maisutasun handiz, haserrea eta gozotasuna erakutsi ditu Jose Ramon Soroizek Janusz Korczaken azalean. Hala ere, oraingo honetan aktore guztien abilezia eta kontzentrazioa nabarmendu nahi nituzke, eszenatoki zabal, anitz eta jendetsuan bakoitzak bere lekua egiten jakin duelako.   Azkenean baina, iritsi da baina Treblinkarako azken trena hartzeko unea. Zapatak ondo garbituta, andrakilari estu kolpeta eta motxila duintasunaren irakaspenez beteta, kantari abiatu dira ezjakintasunaren edo jakin nahi ezaren bidaiara. Ikusleok irriari lekua egin diogu azken abagune honetan, ikusitakoa ikusita nik neuk ere zalantza egiten dut, baldintza hauetan bizitzea baino errazagoa ez ote den hiltzea.
news
argia-5951b6ad769d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/iratxe-andueza-ikerlaria.html
"Uste baino lotura handiagoa izan dugu Kanadako herri indigenekin, aspaldi-aspalditik"
Reyes Ilintxeta
2017-02-05 00:00:00
"Uste baino lotura handiagoa izan dugu Kanadako herri indigenekin, aspaldi-aspalditik" Kanadan dabil Iratxe Andueza. Euskal arrantzaleek  XVI. mendean hara eramandako tresnak aztertzen ari da. Euskara-algonkinoa pidgina gertutik ezagutzeko aukera izan du. Orain indigenok nola bizi diren ere badaki, eta ezin egin balorazio onik. Zure ibilbidea laburra baina trinkoa, ezta? Txikitan bi urtez bizi izan nintzen Garraldan, eta ondoren, astean zehar Iruñean, ama San Fermin ikastolako irakaslea zelako eta aitak ere hemen egiten zuelako lan. Batxilergoa bukatutakoan Baionara joan nintzen unibertsitatera, Euskal Ikasketak egitera. Antropologia, Soziolinguistika, Soziologia, idazketa lantzeko ikastaroak, Historia, Geografia, euskara, frantsesa… denetik ikasten da. Oso karrera polita da. Han hiru urte eginda, udazken hasieran Kanadara joan nintzen bi urterako, printzipioz. Zer dela eta Kanadara? 2011tik harremana daukat laguntzaile gisa Jauzarrea, euskal kulturaren azterketa eta zabalkunderako funtsarekin. Oreina Urkian Kanata biltzarretan izan nuen euskaldunon eta Kanadako indigenen arteko harremanen berri. 24 hitzaldi baino gehiago eskaini dituzte urte hauetan gai horren inguruan eta oso aztergai egokia iruditu zitzaidan masterra egiteko. Quebeceko Laval Unibertsitatean ikusi nuen bi urteko graduondoko ikastaroa egiteko aukera eta hara joan naiz. Zer da zehazki ikasten duzuna? Graduondo honetan hango herrien antolakuntza nolakoa den ikasten da eta baita etnologia, arkeologia eta abar. Ikasketa orokorrak dira, hemen Euskal Ikasketen karreran, Gasteizen edo Baionan, egiten direnen antzekoak. Hasieran proiektua aurkeztu behar duzu eta gero, horren arabera, nahi dituzun ikasgaiak aukera ditzakezu. Nire lanaren izena oso orokorra da: Objektuen transmisioa Kanadako Lehen Nazioen eta Euskaldunen artean XVI. mendean . Laurier Turgeon, etnologia irakasle ezaguna da nire proiektuaren zuzendaria. Berak ikertu zuen oso ongi XVII. mendeko harremana eta ni pixka bat atzerago joanen naiz, XVI. mendera, hori baita harreman estuena izan zen garaia. Etnologia eta ondare materiala da nire ikerketaren abiapuntua; euskaldunen eta hango indigenen arteko harremana, objektuen trukaketan oinarrituta. Hala ere, ondare materialaz haratago joan nahi nuke eta aztertu objektuen sinbologia eta hango gizartean izan duten eragina. Ondare materiagabea ere aztertu nahi dut, beraz. Maiatzera arte egonen naiz Quebecen eta asmoa dut udan Oñati, Bordele eta Nafarroako artxibategietan murgiltzeko, hara itzuli baino lehen. Uste dut gai honen inguruko informazio gehiago aurkituko dudala hemen han baino. Argazkia: Xabi Otero. Zer objektu dira aztertzen ari zarenak? Normalean hilobietan aurkitutakoak: aizkorak, kobrezko ontziak… lanabesak, oro har. Hemendik hara eramandako objektuak. Hasteko, testuinguru bat sortzen ari naiz, orain arte argitaratu den materiala bilduz. Gauza asko ikertu dira arkeologian, toponimian, genetikan… baina falta da denboran kokatzea eta zergatiak argitzea.   Nor bizi zen han garai hartan? Herri asko dira indigenak, baina Atlantikoko ertzean garrantzitsuenak ziren innuak, beothuk-ak, abenakiak, cris-ak, mi'kmaq-ak, iroquesak eta innuit-ak. Haiek "lehen nazioak" esaten diote beren buruari. Kanadako ekialdeko kostaldean, Ternuan, Labradorren eta San Laudendi golkoan bizi ziren herriekin izan zuten harremana euskaldunek bereziki. Mi'kamaqei "zurikoak" esaten zieten, agian euskaldunekin nolabaiteko antzekotasuna zutelako, agian azalaren kolorean. Oro har, -quois bukaera duten izen edo hitzak (souricoa –zurikoa– eta iroquoa) euskararekin dute lotura, Kanadako hizkuntzetan ez baitago horrelako atzizkirik. Kolon hara joan baino lehenagoko harremanak dira horiek, beraz nork aurkitu zuen Amerika? Galdera ona. 1342. urtekoa da dokumentatua dagoen lehen datua eta bada 1372ko Donibane Lohizuneko agiri bat euskaldunen eta itsasoz bestaldekoen arteko hartu-emanez hitz egiten duena. Euskaldunak aipatzen dituen lehen dokumentu garaikidea, berriz, 1517koa dugu. Guk uste baino lotura handiagoa izan dugu Kanadako herri indigenekin, aspaldi-aspalditik. Haien arteko harremanak nolakoak ziren? Akordio komertzialez harago, harreman ona izan dela ohikoa esanen nuke nik. Horren erakusgarri izan daiteke haien hiztegietan adeiskidex (adiskide) eta ania (anaia) hitzak ageri direla. Hitzok haien hizkuntzetan barneratuta geratu dira mendeetan zehar. Horrez gain, euskaldunak oso trebeak ziren arrantzan eta ontzigintzan, eta hangoei teknika batzuk erakutsi zizkieten haien itsasontziak egin zitzaten. Agirietan aipatzen da, adibidez, euskaldunen bat han gelditu zela hizkuntza ikasteko eta hango Mi'kmaq nazioko norbait Euskal Herrira etorri eta hemen gelditu zela. Bestalde, toponimian izen andana gelditu da Kanadako Atlantiko kostaldean: Nouvelle Biscaye, Pirénées, Port Savalette (Zabaleta), Cap aux Basques, Île aux Basques, Port-au-chois (Portutxoa)… Toponimiak erakusten digu noraino iritsi ginen. Oraindik asko dago ikertzeko, baina argi dago euskaldunek ez zutela kolonizatu hura. Frantsesak berriz, XVII. mendean, harreman komertzialetik erabateko kolonizaziora pasa ziren. "Kanadako indigenak sozialki ez daude ongi baloratuak. Turismoarekin lotutako ekimenetan baino ez zaie ematen garrantzia, gainerakoan batere ez" Nola sortu zen euskara-algonkinoa pidgina? Euskal arrantzaleak XVI. eta XVII. mendeko bisitari nagusietakoak ziren Kanadan. Horren testigantza euskal jatorria duten hainbat hitzetan dugu, bertako nazioen hainbat hizkuntzatan jasota daude. Horrekin batera, euskaldunen eta bertako nazioen arteko tratu komertzialerako hizkuntza sortu zuten. Euskaldunek Kanadara iristean, hiru hizkuntza familia aurkitu zituzten: inuktitut, Labradorko inuitek hitz egiten zutena, hizkuntza irokesak eta hizkuntza algonkinoak. Azken horien eta euskararen artean sortu zen pidgin berezia. Pidgina harremanik gabeko bi hiztun komunitatek elkar ulertzeko sortzen duten hizkuntza praktiko eta oinarrizkoa da, hizkuntza baten egitura eta hiztegia oinarri hartuz. Adibide ezaguna "Apaizak hobeto" esaera da, agurtzeko orduan Kanadakoei "zer moduz?" galdetu eta hala erantzuten zuten. Pidgin horri buruzko gogoetak eta aurkitu diren aztarna linguistikoak oso garrantzitsuak dira hizkuntzan eginen diren ikasketentzat, baita euskaldunen eta Kanadako bertako nazioen artean izan diren harremanak ikertzen dituztenentzat ere. Pidginaren adibide gehiago emango, mesedez? Bi hitz aipatuko ditut, haien esanahiaren garrantziagatik, harreman onaren erakusle izan daitezkeelako. Marc Lescarbot-ek 1607an aipatu zuen adesquidex hitza erabiltzen zutela Mi'kmaq naziokoek. Euskarazko adiskide hitzarekin duen antzekotasunak eta mi'kmaq-ek hitz egiten duten hizkuntzan antzeko hitzik ez egoteak, Peter Bakker euskal etimologia daukala ondorioztatzera eraman du. Bakker-ek ania hitzak ere euskal etimologia duela ondorioztatu du. 1630ean montagnais jendeak erabiltzen zuen hitza euskal anaia hitzarekin lotu du. Haien hizkuntzan anaia nichtai edo nichim esaten da. Peter Bakkerren iritziz, adesquide eta ania euskal pidgin baten ondorio dira. Kanadako hainbat naziotako herritarrek hitz egiten zuten, gutxi gorabehera 1540. eta 1640. urteen artean. Amerikako pidgin ez-indigena zaharrena da. Beste adibide askotxo ere aurki daitezke bertako hizkuntzetan txertatuta gelditu direnak: kessona (gizona), makia (makila), atouray (atorra), orignac , orignal (oreina), matachia (txanpona), pilotoua (gidaria), adesquidex/s (adiskidea), chabaya (basatia), endia (handia), echpata (ezpata), carcaria/ircay (irri-karkara), elege (erregea). Kontua da bertara iristen ziren beste europarrei ere pidgin horretan egiten zietela. Beraz, Kanadako bertakoen eta Europako herritarren artean erabilia zela uste da, ez bakarrik euskaldunekin. 1497an dokumentatuta dago. John Caboten (Genova, Italia) bidaiaren kronikan aipatzen da nola mi'kmaq-ek haiekin pidgina erabiltzen zuten. Iratxe Andueza Stephen Keptin Augustine Mi'kmaq Kontseilu Nagusiko buruzagiarekin Kanadako Cape Breton Unibertsitatean, Eskozia Berrian. Argazkia: Xabi Otero. Nola bilatzen duzu informazioaren arrastoa? Oso zaila da datu zehatzak aurkitzea, normalean euskaldunak bidaia ofizialetan ez zirelako agertzen. Arrantzarako ontziak bidaltzen ziren, baina ez normalean potentzia handiek, Portugalek edo Frantziak, adibidez, antolatutako bidaietan. Gainera, Nafarroako konkistaren garaiaz ari gara hizketan eta oso zaila da euskaldunen arrastoak jarraitzea. Gertatu izan zait euskaldunak frantses bezala aurkitzea zenbait dokumentutan. Batzuetan arrantza-ontziak nondik abiatzen ziren ikusita edo abizenei erreparatuta euskaldunen arrastoak aurkitzen dira. Gaur egun nola daude herri indigenak Kanadan? Kanadan 630 jatorrizko herri baino gehiago bizi dira eta bakoitzak bere kultura, hizkuntza eta ohiturak ditu. Lehen Nazioen Batzarra osatzen dute eta Kanadako Gobernuak egindako erroldaren arabera 698.025 indigena dira. Oso egoera txarrean bizi dira. 1980ko hamarkadara arte gobernua ez zen haiekin bildu. Etnia horiek bizirik daude, baina haien egoera ez da batere erraza mendeetako zapalkuntza jaso dutelako. Hizkuntza eta kultura identitatearen galerak nabarmena dira. Duela zenbait urte Otawan bizi izan nintzen hilabete batez eta mi'kmaq jendea eta haien kultura pixka bat ezagutzeko aukera izan nuen. Haien baloreetan naturari, ehizari, animaliei eta jendeari errespetua garrantzitsuena da. Hori da belaunaldiz belaunaldi transmititzen saiatzen direna.   Hemengo indigenekin parekotasunik ikusi duzu? Bai, balore tradizionaletan, baita egungo mendekotasun egoerari dagokionez ere. Haiek, gainera, sozialki ez daude ongi baloratuak. Turismoarekin lotutako ekimenetan baino ez zaie ematen garrantzia, gainerakoan batere ez.  Sistema bitxia bezain zapaltzailea da. Ofizialki indigenatzat hartua izateko izena eman behar dute errolda batean eta erreserba batean bizi. Gauza on bakarra da zerga batzuk ez dituztela ordaintzen, beste guztia ez dago haien alde. Kreditu txartela edukitzea edo mailegu bat eskatzea, adibidez, ez da batere erraza haientzat. Haien hizkuntzak eta kulturak zapaltzen zaizkie, egunero, nazio bezala, beste baten menpe daudelako. Hala ere, batzuk haien aurka mintzatzen dira, pribilegiodunak direla esaten dute, zenbait zergatatik libre daudelako. Zer dugu haiengandik ikasteko? Esanen nuke oso interesgarria dela ikustea nola ari diren lanean. Kontzientzia handia dute eta borrokan ari dira haien eskubideen alde. Bertako askok, esate baterako, uko egin diote zerrendetan izena emateari, eta mugimenduak daude hauteskundeetan parte ez hartzeko. Desobedientzia zibilaren aldeko iritzia oso zabaldua dago.
news
argia-79586686d6e1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/itsasontzien-eta-zaldien-arteko-gudua.html
Itsasontzien eta zaldien arteko gudua
unknown
2017-02-05 00:00:00
Itsasontzien eta zaldien arteko gudua 1795eko negu gogorrean, frantziarrak Zazpi Herbehere Batuen Errepublikaren aurkako gerran ari ziren, Iraultzako ideiak Europan zabaltzeko asmoz. Holandar ontziteria Marspied itsasartean harrapatu zuen ekaitzak eta aingurak Texel uhartearen babesean bota zituzten. Baina itsasoko urak izoztu eta ontziak harrapatuta geratu ziren. Horren berri jakin eta tropa iraultzaileek urtarrilaren 22an inguratu zuten ontzidia. Biharamunean, historian lehenengoz, zalditeriak itsasontzi multzoa hartu zuen mendean. Baina inork ez zuen su egiteko beharrik izan, orduantxe iraultzaileek Amsterdameko gobernua hartu baitzuten. Errepublika zaharreko itsas armada erresistentziarik gabe errenditu zen.
news
argia-bb2340aaa781
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/gurean-bildu-kaka-zabaldu.html
Gurean bildu, kaka zabaldu
Iker Barandiaran
2017-02-05 00:00:00
Gurean bildu, kaka zabaldu Talde honen izena lehenengoz entzun nuenean, Arrasaten luzaroan hain presente egon den eta Euskal Herriko beste eskualde batzuetan zabaldutako Oi! eszenako beste proiektu bat irudikatu nuen. Gerora kantak entzuterakoan ohartu nintzen Irun aldeko talde honek oso gutxi duela tradiziotik eta, aldiz, askoz gehiago ohiko kontzeptuak hankaz gora jarri eta gugan kritika biderkatzetik. Euskal Herrian badira antzeko helburua duten talde gutxi batzuk, gutxiegi tamalez –ezagunenen artean, Lendakaris Muertos eta Ciclos Iturgaiz–. Deserosoak izan ohi dira entzule batzuentzat, suntsitzaileak beste batzuentzat, eta gainontzekoentzat eraikitzaileak –eraikitzeko lehenengo suntsitu–, irribarrea eragiten dutenak. Hiru bat urte dela sortu zuten taldea Beñat Muguruzak, Xabi Burgañak eta Lander Bidaurrek, beste talde batzuen kontzertuak ikusi, beraiek ere zer esan bazutela pentsatu eta agertoki batera igotzeko gogoak eraginda. Eta beraientzat garrantzitsuena mezua –esan nahi zutena– eta bat-batekotasuna zirenez, punka aukeratu zuten buelta gehiago eman gabe. Irundarren kantetan ez dugu aurkituko denon ahotan aspaldian dabilen Donald Trump, esaterako. Horren ordez, askoz "etxekoagoak" diren beste asko dituzte jomugan. Eta horrek, jakina, bestelako eragina dauka entzuleen artean, jarraitzaileak eta kontrakoak pilatuz. Agian onartuko ez badute ere, gurtu ez, baina odolean daramaten 80ko hamarkadako punkaren eragin handia dute –La Polla, Cicatriz, Dead Kennedys edo hardcoretik hurbilago dauden erreferentziak–. Beraiek punk sinplea egiten dutela badiote ere, punk azkarra eta iluna da nagusi, askotan hitzen itzalean gelditzen dena. 2015ean kaleratutako Hononimoa n "Borroka da autobide bakarra", "Urquijo de puta", "Euskal Nobel bakarra, Erramon eta Kaxal", "Barkatu gaur ez banaiz aski indepen-dentista izan", "3 Eusko Gudari errezatuko ditut" eta "Denok gara Coca-Cola"-ren pareko leloak abestu bazituzten, lan berrian ere gaurkotasunari tentuz eta zorroztasunez erreparatu diote. Hala, "Egin irribarre, irabaztera goaz ETA"-tik hasita, "ETB antenatik at" ateratzeko ahaleginetan dabiltza Julian Iantzi (e)gurtuz, Africa Baeta-ISIS harremana haizatuz eta "Iparraldearen oreina" jetziz. Aldiz, Olano eta Itxasori errefuxiatuak ez errefusatzeko eskatu arren, ziur daude "igandean DVk xaboi organikoa oparituko" duela. Horiez guztiez gain, antologikoa da Durangoko Azoka eta postureoa mintzagai Zentro Palentinoa omendu izana. Eta guztientzat sobera dutenez, ikasleak ( Bologna ez da plana ), Iparraldeko folk salgarria ( Larrepetit ) eta "tik matxistak" ere jomuga izan dituzte.
news
argia-ae5d3c342a13
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/kalean-aske.html
Alabak ahaldundu... eta semeak?
Onintza Irureta Azkune
2017-02-05 00:00:00
Alabak ahaldundu... eta semeak? Ez dute berdin bizi kalea neskek eta mutilek, herriaz gozatzeko askeago eta lasaiago sentitzen dira mutilak. Indarkeria jasateko beldurra du emakumeak eta belaunez belaun transmititu egiten da. Batik bat amak arduratzen dira alabari ezer gerta ez dakion zaintzeaz, babestu nahi eta era berean askatasuna eman nahiaren arteko oreka mantendu ezinean. Semeak beste film batean bizi dira. Lasai ateratzen dira kalera, gurasoek ere ez dute uste ezer gertatuko zaienik. Eta beste kontu bat: gizonak dira indarkeriaren eragile, baina semeekin ez da horretaz hitz egiten. Lurdes Barragan hernaniarra Auritzen (ez da egiazko izena) ama da. Auritzek 18 urte ditu eta Gasteizen pasatzen du astea, ikastera joan baita. Barraganek eta senarrak etxean beti landu izan dute genero ikuspegia alabarekin. Ikastetxean izandako esperientziak berriz, etxean bizitakoari asko lagundu diola uste du Auritzen amak. Alabak 10 bat urte zituenetik Hernaniko Langile Ikastolan Arremanitz Kooperatibak saioak eskaini ditu sexualitateaz, tratu onez eta berdintasunaz. 15-16 urterekin Lileta taldea sortu zuten eskolan hainbat neska-mutilek, Auritz tartean. Emakume izatea zer den jabetuta dago, ez zaio arrotz feminismoa. Haurrak eskolatik zekarren genero ikuspegiaren lanketak eraman zituen bere gurasoak bide berean jarraitzera. Ikastetxean Arremanitz Kooperatibaren laguntza zuten bitartean etxean zertan ari ziren? Amak erlijioak bere bizitzan izan duen zama azpimarratu du, erlijioak transmititzen duen eredu patriarkala. Erlijioaz gain, gizartea bera ere patriarkala dela gaineratu du. "Gure eguneroko gaiak ziren bekatua, erru sentsazioa, zein gaizki portatu naizen, gu zaintzeko gaude...". Alabari esaten dio zorte handia izan duela, zama hori ez duelako izan, eta amari aldiz asko kostatu zaio eta oraindik ere kostatzen zaio gainetik kentzea. Zamak beldurra eragiten du norberaren barnean eta beldurrak nahigabe transmititzen dira hurrengo belaunaldietara. Bere alaba bakarrari mutila balitz bezala hitz egiten saiatu da: "Mutilari bezala esaten diot 'ondo pasa!', baina beti daukazu buruan 'kontuz!' edo 'estali beti basoa eskuarekin burundanga eta horrelakoak dabiltza-eta'. Ondo pasatzeko esaten diozu baina beti daukazu mezu subliminala prest: 'kontuz!', 'ez etorri bakarrik!'". Gorka bakarrik doa etxera, Auritz lagunduta Pena handiz kontatzen du ondoko pasartea, gurasoen beldurra eta kalera ateratzerakoan mutilen eta nesken arteko aldea agerian uzten du: Auritz zinemara joan zen sagardotegi garaian. Hernanin, sagardotegi garaiak esan nahi du jende asko dabilela parranda giroan eta  guztiek ez dituztela tratu onak praktikatzen. Senar-emazteak eta alaba plazan bertan bizi dira. Ama eta aita etxetik begira zeuden, alaba zein aldetatik etorriko. Halako batean alabak mezua idatzi zion mugikorrera: "Lasai ama, Gorkak esan dit lagunduko didala". Gorkarekin agertu zen eta ama lasaitu zen. Pena handia sentitu zuen orduan Barraganek, mutila bakarrik joango zen etxera, eta alabak laguntza eskatu zion etxera itzultzeko. Lurdes Barragan: "Mutilari bezala esaten diot 'ondo pasa!', baina beti daukazu buruan 'kontuz!' edo 'estali beti basoa eskuarekin burundanga eta horrelakoak dabiltza-eta'" Parrandatik datorrenean logelara hurbildu eta iritsi dela esateko eskatua dio alabari. Alabaren gaztaroan ama sena berriz piztu zaiola dio Barraganek. Auritz txikia zela, erraz esnatzen zen ama nahiz eta alboko logelan egon. Orain gauza bera gertatzen zaio, alaba gauez ateratzen denean erraz esnatzen da buruan galdera bat duela, "etorri ote da?". Ez dio grazia handirik egiten horrela erreakzionatzeak, baina ezin du saihestu. Azkenean, etxera heldutakoan esnatzeko eskatu zion, nahiz eta ez dagoen ziur erabakirik onena hartu duen. Ama sena aipatu dugu, baina Barragani galdetu diogu egoera horietan aitak zein jarrera hartzen duen: "Alabak aitari eskatzen badio gauean bila joateko aitak baietz erantzuten dio, eta nik pentsatzen dut, 'aitak bila joan behar du ala beraiek moldatu behar dute?'. Aita beti dago bila joateko prest".  Eta aitak zergatik hartzen du jarrera hori, bereziki alabagatik beldurra duelako ala orokorrean gaur egun gurasoek asko babesten dituztelako seme-alabak? Galderak ez du ezustean harrapatu Auritzen ama, hausnarketa egina du: "Ez dakit zergatik den. Agian, aita edo ama zarenean gehiago beldurtzen zara eta beti txita biltzen zabiltza. Baina agian gaur egungo egoerak beldur handiagoa ematen digu". Beldurra sentitzea Hernaniarrak ez du zalantzarik beldurra barruraino sartuta duela. Kremailera ixten saiatzen da, beti horretan ez pentsatzeko eta alabari askatasuna emateko. Neguan beldur gutxiago izaten du alaba Hernanin ibiltzen delako eta gazte giroa kaxkoan bertan dagoelako, familia bizi den toki berean. Uda konplikatuagoa da, herriz herri jairik jai dabiltza bere alaba eta lagunak. Argi dio Barraganek, "pena ikaragarria ematen dit esateak, baina ama naizen heinean beldurra pasatzen dut". Alabari galdetu izan dio ea berak beldurra pasatzen duen, eta baietz erantzuten dio.  Nolabait esatearren, umea txikia zenean bi heziketa moten artean bat aukeratzen saiatu ziren, edo beldurrean hezi haurra edo bizitzako mila esparrutan aurrera egiteko bultza. Bigarrena aukeratu zuten ama-aitek. Ume-gazteari ahalduntzen laguntzea garrantzitsua dela uste du Barraganek, nahiz eta batzuetan oreka aurkitzea ez den erraza. Neurria hartzen ez badu, gaztetxoak mundua irentsiko duela sinetsi dezake, eta jarrera hori ez zaio egokia iruditzen amari. Emakunderen kanpaina honek gurasoak izan zituen gogoan. Sarri neskak eta mutilak berdin hezten direla uste bada ere, kanpainako mezuek bestelakoa adierazten dute. Whatsapp ez nuela erabiliko baina... Sakelako telefonoa kontrol mekanismo bikaina da. Hortaz jabetu da Barragan eta whatsapparekin bere buruhausteak izan ditu. Xehetasun bat kontatu digu. Whatsappen besteek azken konexioa noiz egin duten ikusteko modua dago. Modu hori kentzea pentsatu zuen, besteek ikus ez zezaten bera noiz konektatzen zen eta noiz ez. Alabak aplikazio hori nola zeukan begiratu zuen eta konektatuta zeukala ikusi zuen. Bada, azkenean ez du deskonektatu, eta hala dio berak: "Telefonoa kontrol modua da eta lasaitzeko modua ere bai. Agian, alde txarrak gehiago ditu". Bikote harremanak, kalea bezain arriskutsu Arremanitz Kooperatibako kide Axier Bagliettorekin espazio publikoa, gazteak eta beldurra landu dugu (ikus 25. orrialdeko atala) eta esan digu gurasoen kezka nagusia alabak eremu publikora ateratzea dela, baina indarkeria mingarriena eta etengabekoa familian eta bikote harremanetan bizi dutela. Auritzen amari galdetu diogu ea alor hori landu duten etxean. Beste pertsona batekiko menpekotasuna zer den landu zuten alabarekin txikiagoa zenean. Alkoholikoaren adibidea erabiltzen zuten azaltzeko: menpeko bihurtu zaitu, ondoan behar duzu, kontrola galdu duzu. Autoestimua zer den azaldu zioten alabari, "zugan ziurtasunik ez baduzu, burua bere tokian ez badaukazu, munduko neskarik politena izan zaitezke eta sudurrean atera zaizun granoa drama bat izan daiteke". Gaizki tratatutako emakumea, indarkeria, zer den adierazteko herriko adibide errealak kontatzen zizkioten. Semeekin ez al dago ezer lantzeko? Barragani mutilez hitz egiteak beldur pixka bat ematen dio, berak semerik ez duelako. Hala ere, gaia atera izan da lagunartean eta berak semeen gurasoak lasaiago sumatzen ditu, arrisku gutxiago dutelako. Alabaina, Auritzen amari iruditzen zaio semeekin haien jarrerez gutxi hitz egiten dutela. Gurasoek ez omen dute hain argi semeekin gaia landu behar den ala ez, horrelako gogoetak dituzte: "Mutilak direlako 'sanbenitoa' jarri behar al diegu?", "Mutilak direlako neskak gaizki tratatuko dituztela adierazi behar al diegu?". Barraganen ustez, semeen gurasoek badute ardura, baina batzuetan guraso artean semeen gaia lantzea delikatua izaten omen da. Mutilak erasotzaile bihurtzen dira, baina sarri ez dira konturatzen gizonen biktima ere izan daitezkeela, batez ere umetan. Barraganek gogoan du lagun batek kontatu ziona. Helduek haurrei egiten dizkieten gehiegikeriez hitz egin zuten ikastetxean. Etxean, mutikoaren amak gaia atera zuen eta semeari hasi zitzaion esaten ezezagunekin ez joateko eta abar. Semearen erantzuna, "hori neskentzat da, ama". Eskolan haur denei berdin kontatu zieten baina ume hark ez zuen beretzat hartu. Gaua kezkatuta igaro zuen umeak eta amak zalantza agertu zuen: "Agian oso bortitz hitz egin diot, baina mutikoa delako ez zaiola ezer gertatuko uste du, laino batean zegoen". Eta Barraganek: "Mutilak babestuago sentitzen dira".   Axier Baglietto, soziologoa "Sarritan semeei ez zaie ezer esaten, edo esatekotan, neskak babesteko" Axier Baglietto soziologoa Arremanitz Kooperatibako kidea da eta Urola bailarako Harremonak egitasmoko zuzendaria. Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako ikastetxe guztietan sexualitatea, parekidetasuna eta tratu onak lantzen dituzte, batez ere ikasleekin. Hiru herrietako udalek diruz lagundutako programa da Harremonak. Bagliettok hainbat guraso ezagutu du eskaini dituzten hitzaldietan, eta batik bat, bi indarkeria kasu tarteko bereziki egindako lan saioetan. Argazkia: HikHasi.eus Nola bizi dute gurasoek indarkeria beraien alaba-semeengan, eta nola jokatzen dute? Gurasoentzat hitzaldiak-eta antolatu izan ditugu baina gutxi etortzen dira. Sexu erasoren bat gertatu denean berriz, eta Azpeitian bi gertatu dira (17 urteko neska batek sexu eraso saiakera jasan zuen eta Azpeitiko futbol zelaiko nesken aldagelen horman zuloak aurkitu zituzten), lanketa berezia egin dugu. Bi saioak oso  aberasgarriak izan dira. Normalean amak etortzen dira, nesken amak, mutilen gurasoek ez dute kezkarik sentitzen. Indarkeria kezka iturri da guraso batzuentzat, besteentzat baino gehiago, baina "zerbait egin beharra dago" esatera ez dira iristen, zerbait gertatzen den arte. Ez dira neurriak hartzen, ez dute esaten: "beharbada hasi beharko nuke ikusten ea nola daraman gai hau nire alabak/semeak". Ez da hitz egiten gertatu arte eta orduan izutzen gara eta laguntza bila goaz. Beldurra sentitzeak zein ondorio du gurasoen jarreretan? Nagusiki bi aukera daude beldurraren aurrean. Bata da beldurrak beldur aurrera egitea. Bestea da kikiltzea, askatasuna mugatzea, atzera egitea. Oraingoz, horrelakoak gertatu egingo dira, gainera guk ezagutzen ditugunak baino askoz gehiago eta anitzagoak dira. Lana ez da hasten beldurrari ezin eutsita gaudenean edo gertaera batek eztanda egiten duenean, lehenagotik baizik. Familian gaia asko ez dela lantzen diozu, baina nola ez da landuko bada, gurasoak kezkatuta baldin badaude? Landu bai, baina eremu partikularrean. Kontua da nik nola saihestu nire alaba arriskutik aldentzea. Beldurretik eta nik bakarrik zer egin dezaket? "3:00etan etorri eta lagunduta; telefonoa beti piztuta eduki; deituiozu hari...". Erasoa saihesten arrakasta izango duzu ala ez, baina batez ere, beldur jarrera indartzen ari zara. Horrelako egoerak normalak direla onartzen ari gara, hori da gaia isiltasunean gelditu izanaren ondorioa. Aldiz, potentzialitatea hartzen du mahai gainean jartzen badugu eta aurre egiten badiogu. Arazo soziala da, kontua ez da nire alabari zer gertatu zaion, erasotzaile hark zer egin duen. Denoi dagokigu honetaz hitz egitea. 17 urteko neskari eraso ziotenean gurasoekin egin zenuten saioa aberasgarria izan zela esan duzu. Erasotzailea kanpotarra zen. Gurasoen saioan ikuspegi bat nagusitu zen: kanpotarrak dira, orain ari dira horrelakoak gertatzen... Kezka, beldurra, angustia sumatzen zen. Baina halako batean, amak  jaietan eta gauetan emakume bezala jasandako indarkeriaz hitz egiten hasi ziren. Auzoko hura zela erasotzaile, eskolako hura. Bat-batean beste giro bat sortu zen. Konturatu ziren beti gertatu direla horrelakoak eta beti isildu direla. Gurasoek zein aterabide proposatzen dituzte? Zigorra eta kontrola. Erasotzaileak zigortu, kastratu, egin beharko dira eta balizko erasotua kate luze batekin lotu beharko dugu. Gurasoak arriskua kalean kokatzen du. Zuk diozu indarkeria familian eta bikote harremanetan ere bizi-bizi dagoela. Iruñeko jaietan alabari zer gertatuko kezkatuta daude gurasoak, ez dira konturatzen bikotean edo beste giro batean egoera okerragoa jasan dezaketela edo jasaten ari direla. Agian, gurasoak ari dira pentsatzen, "zein ondo, mutila edukita parranda gutxiago egingo du", eta beharbada indarkeria izugarria ari da jasaten bikotean. "Iruñeko jaietan alabari zer gertatuko kezkatuta daude gurasoak, ez dira konturatzen bikotean edo beste giro batean egoera okerragoa jasan dezaketela edo jasaten ari direla" Mutilekin egiten denak, edo hobe esan, egiten ez denak kezkatzen zaitu. Zuk zure alaba kalera ateratzen denean zer esaten diozu? Kontuz, kontuz, kontuz... Eta semeari zerbait esaten al diozu? Sarritan mutilei ez zaie ezer esaten, edo esatekotan, neskak babesteko. Garrantzitsuagoa izan daiteke ordea, mutil taldeetan dituzten jarrerez galdetzea. Ea neskekiko jarrera desegokirik ikusten duten, nola sentitzen diren egoera batean aurre egin ahal izateko. Konplize ez izatearen garrantzia azpimarratu behar da, neskenganako enpatia sentitzen lagundu behar zaie. Erasotzaile guztiak gizonak dira, zerbait egin beharko dugu, ezta? Indarkeria egoerak gertatzen direnean, egia da zaila egiten zaigula nola jokatu asmatzen. Erasotzailea edo konplizea zigortzen ikasi dugu, hari maitasuna ukatzen, lotsagarria dela esaten. Horrela jokatuta bideak ixten ditugu. Noski, semeari egin duen horren ardura osoa eskatu behar diogu, baina agian ezin diogu maitasuna ukatu, ulermena ukatu. Zein aholku orokor ematen diezue gurasoei? Helduok garela eredu esaten diegu. Indarkeriari aurre egin nahi badiogu, garrantzitsua da ikustea gazteek nolako harremanak bizi dituzten gertuko eremuan, familian. Hausnartu behar dugu familian eta haien heziketan nola kudeatzen dugun autoritatea, gatazkak, mugak maitasunez jartzen ditugun ala ez, gure burua zaintzen dugun ala ez, mehatxuak, xantaiak, kontrola onartzen dugun ala ez. Bide onetik goazela uste al duzu? Gaur egun honetaz hitz egitea izugarrizko lorpena da. Mendetako isiltasuna hausten ari gara. Hedabideetan eta inguruan ateratzen ari da eta hori sendatzen hasteko lehen pausoa da. Prozesu baten hastapenetan gaudela esango nuke.   Kalea nirea al da? María Rodó de Zárate eta Jordi Estivill i Castanyk 70 neska eta mutil elkarrizketatu dituzte Barakaldon, Hernanin eta Gasteizen. Hortik ateratako lana ondokoa da: ¿La calle es mía? Poder, miedo y estrategias de empoderamiento de mujeres jóvenes en un espacio público hostil . Euskaraz emana: Kalea nirea al da? Boterea, beldurra eta neska gazteak ahalduntzeko estrategiak etsaitasunezko eremu publikoan. Emakundek diruz lagundutako lana da, eta genero ikuspegia kontuan hartuta, eremu publikoa neska eta mutil gazteek nola bizi eta erabiltzen duten aztertzen du. Generoak herriak, kaleak eta espazioak bizitzeko modua baldintzatzen du. Ikerketak beldurra zergatik sortzen den eta horrek emakumeek herria edo hiria bizitzerakoan zein ondorio dituen aztertu du. Beldurrak emakumeen aurkako indarkeria nola iraunarazten duen azaltzen du. Beldurrak generoa duela azpimarratzen du ikerketak. Neskentzat espazio publikoak etsai giro eta ziurgabetasun handiagoa du mutilentzat baino. Ondorio emozionalak eta askatasun mugatzeak askoz handiagoak dira emakumeentzat gizonentzat baino.
news
argia-93039888f8dc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/poliedroa-osatuz.html
Poliedroa osatuz
I�aki Antiguedad
2017-02-05 00:00:00
Poliedroa osatuz Irakurria dut sinplea dena ez dela existitzen, sinplifikatua baino. Mundu konplexua da gaurkoa, inondik ere, likidoa, eta bera eraldatzen joatea helbide dugunon erronkarik handiena konplexua modu eraginkorrean kudeatzea da, norabide zabal argian betiere. Hortaz, orain arte ohikoak izan ez diren behatokiak, ikusmolde-pentsamoldeak eta ekinbideak behar ditugu. Sozio-politikoan behar ere, saretuak, prozesu batera uztartuak, prozesurik gabe ez baita proiekturik. Ildo horretan, euskal lurretan ari dira bestelako mugimendu sozial zabalak, zeharkakoak, gauzatzen. Gatazkaren ondorioak gainditze bidean ari den Sare eta herriz herri erabakitzeko eskubidean ari den Gure Esku Dago dira, kasurako, erreferente nagusiak. Komunean dute arazoen aurrean gizarte zibilaren parte-hartzea gauzatzeko modua, pertsonak helburu esan gabe pertsonak helbide izanez. Olatuen modura dihardute, joan eta etorri, indartsu zein bare, baina etenik ez duen mugimenduan. Errealitatea poliedrikoa dela barneratuagoa dugu egun, halabeharrez. Ondorioz, prozesuak ere, ezker subiranistarenaz ari naiz, poliedrikoa behar du izan, pentsamolde linealetik urrun, gorpuzkera hori bermatzen dioten aurpegi guztiak uztartuta, pragmatismo eraldatzailearen bidetik. Hortaz, kanpora begira burujabetza prozesuak behar duen nazioarteko ezagutza politikoaz aparte, barrura begira badago zer uztartua prozesuaren parte sentitzen direnek aukera eta bidea izan dezaten. Politika-eremu berriak behar dira, politika-eredu berriez gain, bestelako arkitektura politiko batean. Asko esan da instituzioek eta formazio politikoek prozesuan egin dezaketenaz, baita sarri euren arteko disfuntzioaz ere, baina gutxiago gizarte zibilaren protagonismoaz, oso argi baitago aurreko biek bakarrik ezin dutela, kasurik onenean ere, gehiengo sozialak behar dituzten aldaketak gauzatu eta modu iraunkorrean bermatu, ohiko lau urteko politika-alditik harago. Bestera esanda, gizarte politikoak kudeatu beharko luke gizarte sozialak sendotutako prozesua. Horretarako parte-hartze kultura etengabe sustatu behar da, arinkeriarik gabe, eta esperimentaziorako aukerak zabaldu. Gizarte zibilaren kontzeptua den lausoaren barruan, eta horretan sartu ohi diren gai eta zabalera askotako herri elkarteez gain, badira aparteko garrantzia hartu behar dutenak. Euskal Herrian zabal diharduten gobernuz kanpoko ikasketa-erakunde eta behatoki sozio-ekonomikoez ari naiz, era askotako mugimenduei, direnak zein behar direnak, beharrezko ezagumendua eskaintzeaz gain bihar-etziko arkitektura politikoaren diseinuan laguntzaile behar dutenak. Horiek ere osatzen dute poliedroa.
news
argia-5ee648efaf9d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/koloreen-susperraldia.html
Koloreen susperraldia
Jakoba Errekondo
2017-02-05 00:00:00
Koloreen susperraldia Sekulakoa iruditzen zait aurtengo negua jo eta eskaintzen ari zaigun kolore sinfonia. Eguraldi xelebreagatik ote? Epel gozotik izotzera; lehorte punttutik uholdeetara. Ala neroni nabil halatsu, eta aurten begi berriak ditut... Berdeak atentzioa eman dit udazkenean. Zuhaitzek ezin hostotza erantzi. Udazkenaren gozoari heldu eta eutsi, bitartean hostoak lanean, jo eta eguzki, erreserbak osatzen. Negua airoski igarotzeko eta udaberrian indarrean ernaberritzeko. Urtarrileko hotzetara ere iritsi dira zenbait zuhaitz eranzteko nagi... Gorriena izan da udaren azkenaren amaiera. Aspaldiko gorrienak ikusi ditut. Landare ugari da gorrizalea. Hostoa sustraietara bueltatu aurretik, elikagaiz hustu behar da, eta horien mudantzan kolorea mudatzen du: horira, larura, arrera, gorrira... Gurean gorritik gorrira alde ikaragarriak daude, baina hotza pulamentuz etorri den arte gorritu eta gorritu; eta negua gorritu denean landareak gorrimindu, min askoak! Negu gorriak landareak zuritu ditu; kristal ikusgarriak izan dira goiza joan eta goiza etorri landareen hostoen ertzetan, zuriaren emana!negu gorriak landareak zuritu; kristal ikusgarriak izan dira goiza joan eta goiza etorri landareen hostoen ertzetan, zuriaren emana! (Arg.: Jakoba Errekondo) Zuritu ditu landareak negu gorriak. Zuriz estali dira landareak izotzez, leiez, jelez, hormaz, koilaz eta karroinez; izan ere non ez da izan? Kristal ikusgarriak izan dira goiza joan eta goiza etorri landareen hostoen ertzetan, zuriaren emana! Zuhaixken adarretako lantxurdak ere forma deigarriak garatu dituzte, haize mehearen eran, lainezak jota, burruntzien tamainaren bekaizkeriaz. Gardenak dira lantxurdak, gure amonak gardenari zuria deitzen dio... Eta landare guztiek ezin izan dute hotzaren tamaina eraman eta askok eta askok kalte larriak ere izan dituzte hostoak zurbil-zurbil jartzeraino. Belztu ez da asko belztu. Hosto gutxi batzuk ikusi ditut belztuta, kalarenak ( Zantedeschia aethiopica ) adibidez. Nire iritziz ez izotz beltza izan delako, hosto urtsuak guri-gurienean harrapatu dizkio izotzak, eta barrutik izoztu; horrek hostoaren ehunak jo eta txikitzen ditu eta hurrengo egunean beltz agertzen dira, eraitsita. Neguak sasoi berria ekarri du, egun argia luzatu eta kolore dantza suspertu.
news
argia-c062a7d38e49
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/urkizahar-baserria.html
Txakolina modu ekologikoan
Garazi Zabaleta
2017-02-05 00:00:00
Txakolina modu ekologikoan 2008an eman zuten Luisja Oregi Iñurrietak eta bere familiak herritik baserrirako saltoa. 70eko hamarkadaz geroztik hutsik zeraman Beizamako (Gipuzkoa) Urkizahar baserrian instalatu, eta txakolin ekologikoa ekoizteari ekin zion Oregik. "Gure helburua ez da inoiz izan modu industrialean ekoiztea, baizik baserriari zentzua ematea eta gaur egun oraindik bertatik bizitzea posible dela gure buruei erakustea", dio ekoizleak.   Aurten lehenengoz, prozesu osoa baserrian   2012an atera zuten Urkizahar izenarekin aurreneko txakolin txanda. Oraindik azpiegiturarik ez zutenez, Getariako upategi batera eramaten zuen mahatsa familiak, bertan prentsatzeko eta upeletan gordetzeko. "Marka gurea zen, eta txakolina ere bai, baina beste baten upategian egiten zen elaborazioa". Hasieran beldurrez baziren ere, urte hauetako ibilbidean beren txakolin ekologikoa merkatuan onartua izan dela ikusi dute: "Beste txakolinetatik ezberdina da, beste zapore batzuk ditu. Ez dakit ekologikoan ekoizteagatik, lurrarengatik, tokiagatik edo guzti horregatik den". Emaitza onak ikusita, inbertsioa egiteko erabakia hartu dute: Upategi propioa sortu dute baserrian. Aurten aterako duten txakolina prozesu osoan Urkizaharren egina izanen da, hasieratik bukaerara.   Ekoizpen ekologikoaren hautua   Mahastiak modu ekologikoan lantzean, Urkizaharrekoek badakite beste txakolindegiek baino gutxiago ekoizten dutela. Eskulan gehiago eskatzen du eredu horrek, Oregiren arabera. "Konbentzionalean ere eskulan handia dago, baina pentsa lurrean herbizidarik botatzen ez duzun momentutik, belarra eskuz mozteak dakarren lana". Pestizida eta produktu kimikoen erabilpenarekin sortzen den kutsadura ekidin egin nahi du Oregik, ordea: "Gauza garbi bat egin nahi nuen nik, garai batean egiten zen bezala". Getariako Txakolina izendapeneko mahastirik txikiena (eta altuena) du Urkizaharrek, 2,5 ha-ko azalerarekin. Ekologikoan ekoizten duen Olaberriako beste txakolindegi bat ezagutzen du Oregik, eta Getarian mahasti txiki batzuk ere bai. Gutxi dira oraindik eredu horretan ari direnak, hala ere. "Esfortzu handia ari gara egiten, eta gero ez da behar bezainbeste eskertzen eta baloratzen". Oregik kontatu digu askotan kanpoan gehiago estimatzen direla produktu hauek hemen bertan baino. "Ez daukagu ekologikoan ekoiztearen garrantziaz kontzientzia nahikoa, oraindik". Badago zer egina zentzu horretan, ekoizlearen ustez. "Denborarekin konturatuko gara noizbait atzera buelta egin beharra dugula".
news
argia-c9540baec17c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/marianne-breslauer.html
Bidaia zapuztu baten kontakizuna
Aritz Galarraga
2017-02-05 00:00:00
Bidaia zapuztu baten kontakizuna Marianne Breslauer argazkilari alemanak Euskal Herrian zehar egin zuen bidaia 1933ko udaberrian, Annemarie Schwarzenbach idazle suitzarrarekin batera. Iruñea helburu, sei bat egun eman zituzten bazterrotan, eta bederatzi argazki atera guztira. Berlinera itzuli zirenean, ordea, gauzak ez zeuden partitzean utzi bezala. Donostiako San Telmo museoan izan zen, Modernitate bakan bat erakusketa ederra ikusten –zeinean ezagutu daitekeen 1925-1936 artean Donostiak izan zuen leku nabarmena, abangoardiako une distiratsu eta emankorrenetako batean–. Izan zen Jose Luis Aizpurua, Nikolas Lekuona, Juan Cabanas Erauskin, Eduardo Lagarde eta abarrekoen kartel, margo, collage eta, batez ere, argazkiak ikusten –zeinak euskal artearen sortze-une historiko baten parte izan ziren, abangoardia espainiarraren barruan garrantzia nabarmena izateaz gainera–: kontxo, gure modernitateak ez du izan emakumerik. Modan zegoen XX. mendeko 20ko hamarkadan klase altuko alabek argazkigintza ikastea Ez du izan gureak, noski, aipatu erakusketako izendegiari kasu eginez gero, behintzat. Modernitateak oro har bai, ordea. Ez akaso Donostian, baina bai, adibidez, Alemania aldean. Hain zuzen ere, Donostiakoa nolabait hauspotu zuen Weimarko Errepublikako kultur iraultzaren baitan. Esate baterako Marianne Breslauer: Berlinen jaioa, 1909an, Alemaniako goi-burgesia ilustratuko familia batean, judutar jatorrikoa. Argazkilaria, izan ere, lanbide hori, argazkigintza, modan zegoen XX. mendeko 20ko hamarkadan, klase altuko alaben artean. Aldaketa sozialek ekarri zuten burgesiako emakumeek ere ogibide bat ikastea, badaezpada ezkongabe geratzen baziren. Eta argazkilaritza ez zen desegokiena, izanik heziketa artistikoa. Baliabide berria zenez, gainera, emakumearen sarrera bestelako arte diziplinetan baino errazagoa omen. Berlinen bazegoen emakumeek argazkia ikasteko zentro bat, eta hantxe egin zituen Breslauerrek ikasketak. Horiek bukatuta, Paris hartu zuen jomuga, garaiko jaidurak hala bultzatuta. Man Rayren estudioan hasi zen, 1929an. Dena den, bien arteko kontaktu eta eragina ez zen izan oso estua. Estuagoa izan zen, agian, Un chien andalou filma ikusi bitartean –labanak begia labaintzen duen eszena hartan–, Breslauer zorabiaturik Man Rayren gainera erori zenekoa. Elkarri erretratuak egin zizkioten, bai, baina edo gazte alemaniarrak nahikoa zekiela ebatzita, edo hasiberriak hartzeko gogorik ez zuela erabakita, haren kontura jartzeko esan zion Emak bakia filmaren egileak. Harreman gehixeago izan zuen Breslauerrek, bere argazkiek bederen, Brassaï eta Kertész hungariar-frantsestuekin. Batez ere azken horrekin, gogo noragabe bat partekatu baitzuten: biek ala biek ibili zuten Paris alderik alde, kale, bazter, izkinetatik, hirian zehar galduz, jende erabat normalari eginez argazkiak. Eguneroko bizitzaren eszenak harrapatu zituzten, oharkabean igarotzen diren uneak, hutsalkeriak. Errealismo poetikoa deitu izan den hori, objektibitate berriaren aurrean. Breslauer ez zen estudioko argazkilaria, gehiago izan zen gaur egun fotokazetari izenez ezagutzen duguna Breslauer ez zen inondik inora estudioko argazkilaria. Are, une batetik aurrera, gehiago izan zen albistari grafiko edo fotokazetari izenez ezagutzen duguna. Bidaiak egin zituen, Italia, Frantzia, Holanda, Palestinara. 1932an ezagutu zuen Annemarie Schwarzenbach idazleak bezala. Ezagutza inportantea: Schwarzenbach, suitzarra, 1908koa, Thomas Mann idazlearen seme-alaba Klaus eta Erikaren lagun mina, Tod in Persien (Heriotza Persian) edota Alle Wege sind offen (Bide guztiak irekita daude) liburuen egilea. Bigarren horretan, hain justu, Balkanak, Turkia, Iran, Afganistan zeharkatzen dituen bidaldi bat kontatzen du. Schwarzenbach, gizaki modernoaren desterru sentimendua sinbolizatzen duena, badakielako etxe, supazter, abarorik ez dagoela: "Nire gaixotasuna ez da iragankorra". Bizimodu gorabeheratsukoa, segur aski biografiak itzal egin dio suitzarraren obrari. Eragin handia izan zuen, ordea, Breslauerrengan. Hain, ezen 1933ko udaberrirako bidaia bat pentsatu zuten, nora eta Espainiara (sic), nora eta, ohikoagoa zen Andaluzia ez, Espainia iparraldera (sic). Arriskatua dirudi, baina ez da hain arraroa: bidaia zen, hain zuzen, neue Frau, emakume berri, moderno, ustez askearen ezaugarrietako bat. XX. mendeko 20ko hamarkadan masa baliabide berriak agertu ziren, aldizkari ilustratu, publizitate, zinema; eta emakumeak adatsa garçon erara, galtzekin, maskulino, sexuen anbiguotasunarekin jolastuz. Aisialdia maite zuten, kirola: gimnastika, igeriketa, tenisa. Eta automobila. Annemarie Schwarzenbach idazlea, bidaiatzeko erabili zuten autoaren ondoan. Automobila izan zen Breslauer eta Schwarzenbachek beren bidaiarako aukeratu zuten lokomozio bidea. Ez zen opor bidaia izan, idatzi eta argazkiak egin behar zituzten, Alemaniako argazki agentzia batentzat. Katalunia aldean ibili ondotik, Pirinioak zeharkatuta, Iruñea, Donostia, Loiola eta berriz Iruñea bisitatu zituzten. Hiri Buruzagiarekin zeuden gogoberotuta. Errua Ernest Hemingway idazleak zuen, zehatzago berak idatzitako The Sun Also Rises izeneko nobelak – Fiesta izenez ere ezaguna–, zeina 1928. urtean itzuli baitzen alemanera. Breslauer apika ez hainbeste, baina Schwarzenbach, bere biografia eta obra ezagututa, identifikatuta sentitu zen ziur nobelako pertsonaiekin, lost generation delakoa irudikatu zutenak. Iruñean karrika-estanpa hau hartu zuen kamerarekin Marianne Breslauerrek. "Hemingwayk deskribatu zuen atmosfera arnastu nahian" egin zuten bidaia, beraz. Baina, Iruñea urte osoan izan daitekeen arren festa, maiatza ez da sanfermin, eta bertako argazki gutxi egin zituen Breslauerrek, Schwarzenbachek bueltan ez zion eskaini erreportaje bakar bat. Bidaia hartako argazkiak, oro har, ez dira leku esanguratsu, monumentu garrantzitsuei egindakoak –Loiolako basilika izango da salbuespena–. Bai, aldiz, detaile txiki, atentzioa ematen dioten pertsonaia, batez ere haur-gazteenak. Donostiakoak, portu aldekoak; Iruñekoak, karrika estanpak. Guztira, hamabi. Irudi batzuetan ikusten da, bestalde, bidaiariek sortu zuten ikusmina: Mercedes Mannheim zuri distirant kapotarik gabean, gizonik gabeko bi emakume, atzerritar, altu, ile motzeko, zigarreta eskuan. Espainiako hezkuntza kritikatzeko erabili zituzten erretratu batzuk, gobernu modu berriarekin zuzenduko zela zioten. Besteren gainetik zegoen Bigarren Errepublikak ekarritako aldaketen gaineko interesa. Donostian, hondartzan egin zion Breslauerrek Schwarzenbachi argazki hau. Berlinen atzera, erreportajeak ezin izan ziren Alemanian publikatu. Naziek boterea eskuratuta, 1933ko urtarrilaren 30ean izendatu zuten Adolf Hitler Alemaniako gobernu-buru, eta handik gutxira hasi ziren hainbat herritarren hainbat eskubide baliorik gabe uzten. Argazki agentzia ez zen ausartu Breslauerren lana haren izenez argitaratzera, ez baitzen ariarra. 1936rako erbeste-bidea hartu behar izan zuen, Amsterdamera, gero handik Suitzara joateko, non bizi izan zen 2001ean heriotza iritsi zitzaion arte. Baina Bigarren Mundu Gerrarekin galdu zuen argazkiarekiko gosea. Inon aitortu zuen noizbait, bizimodu aldaketek –erbesteak, ezkontzak, seme-alabek– ez ziotela uzten nahikoa kontzentratzen argazkilaritzan, eta ez zuela gutxitu nahi argazkien kalitatea. Donostiaren urrezko aroak, esan dugu, Bigarren Errepublikan eta 36ko Gerra hasi arte iraun zuen. Gerra horrek, beraz, bazterrotan egiten zen arte guztiarekin bukatu zuen –ez bakarrik Errepublikaren aldekoarekin: Aizpurua falangista fusilatua; Lekuona gudaroste nazionalean hila, nazionalen euren bonbardaketa batek, eta osasun laguntza ematen ari zela–. Alemanian, nazismoaren gorakadak ekarri zion, beste hainbati bizitza nola, askori bizimodu baten erauztea. Eta Marianne Breslauerren kasuan, bidaia zapuztua ez zen izan hainbeste festarik gabeko Iruñera, ezpada bere herrialdeko egoera politiko berriak uztera behartu zuen argazkilari ibilbidearena. Zorionez, berriki berreskuratu eta haren lana iritsi da guregana. Urrutira gabe, gurean ere egin beharko genukeena.
news
argia-03bd6ba830bd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2540/gaby-etxebarne-behartsuen-ahotsa-jasotzen.html
"Herritarrek beti uste dute esku azkar batek herria salbatuko duela"
Jenofa Berhokoirigoin
2017-02-05 00:00:00
"Herritarrek beti uste dute esku azkar batek herria salbatuko duela" Behartsuen aldean egon da betidanik Gaby Etxebarne munduan zehar ibiliriko aldudarra. Bere biziaren funtsa dela dio. Idazketaren ariketari lotu zen 2001. urtean eta geroztik horretan dabil. Baina ez dauka bere burua idazletzat. Liburuetan jorratu gaiak begiratuz gero, Etxebarneren interesak eta barne kezkak kausitzen dira. Kalakaria dela ohartarazirik, berea ireki eta guztiaz hitz egiten hasi da. Liburu andana idatzi duzu. Usu lekukotasunez osaturikoak. Zergatik hautu hori? Ni ez naiz egiazko idazle bat, nik jendeak mintzarazten ditut. Nire biziaz ere mintzo naiz, haiena kontatzea nahi badut nirea kontatu behar diedalako. Trukaketa bat da, ez da elkarrizketa sinple bat.  Izan artzainenak, amatxienak edota etorkinenak, haien memoriak atxikitzeko idatzi ditut liburuak. Zer ekartzen dizu idazteak? Laster 85 urte ukanki, egin dezakedan aktibitate bat da. Nahiz eta hainbat elkartetan segitu, lehen baino askoz gutxiago egiten dut. Lasterrago akitzen gara adin horretan. Idazteak aldiz ez nau akitzen. Horrez gain, psikologikoki laguntzen nau, sekulako terapia da niretzat. Besteentzat bezainbat niretzat idazten dut. Zer ekarri nahi diezu besteei? Ohore handia izan zen haientzat. Mintzatzeko gogoa zuten, bazuten zer erran. Ez ziren adituak, zientzialariak edota nik dakita nor; herritar xumeak ziren mintzo, oinarrikoak. Betidanik gustuko ukan dut oinarrikoen ezagutzea, hori da nire biziaren funtsa. Azkena sendatzeko idatzi zenuen. Bai, Sur les pas des disparus d'Argentine (Argentinako desagertuen urratsen atzetik). 1962tik 1968ra Argentinan egon nintzen, serora. Garaian ezagutu nituen Alice Domon eta Léonie Duquet, pobreekin ari ziren, dohaintsuak ziren horretarako. Haiekin lan egin izanaz harro naiz. Bi adiskide handi horiek desagertu ziren 1977an, torturatuak izan ziren eta itsasora bizirik botatuak. Aspalditik nahi nuen haietaz mintzatu. 2013an Argentinan egon nintzen eta itzuleran arras gaizki nintzen. Munduaz desesperatua nintzen, nioen ezer ez zela aldatzen, diktadura berriak beti zatozela, Eliza beti zela boteretsuekin... Sendatzeko idatzi nuen liburua, egia. Serora izateari utzi zenion. Komentutik atera ginen hamabost bat 1975ean. Beste guztiak bezala izan nahi genuen, ez genuen babes berezirik nahi. Alice Domon, adibidez, esklabo ziren laborari batzuekin zebilen nekazari elkarteetan, eta anitz ziren pertsegituak. Haiekin izanki, itsasontzi berean ginen eta arrisku gehiegi zenean gu babestea ez genuen onartzen. Serora izatea utzi arren, pobreak laguntzen segitu nuen, izan sindikatuekin, izan langabetuen mugimenduetan, edota CCFD-Terre Solidaire elkartean. Orain idaztearekin egiten dudana, funtsean. 21 urterekin egin nintzen serora eta 42 urte nituela utzi nuen. Argi da ez zela niretzat egina. Hautuz ala beharturik sartu zinen serora? Psikoterapia bat egin izan dut ulertzeko zergatik sartu nintzen komentura. Garaian ez nuen heldutasun psikologikorik, Aldudeko tribuari biziki lotua nintzen, baina aldi berean urrundu nahi nuen. "Zer erranen dute jendeek" esaldia entzuten zen beti eta gehiegi; ezin genuen deus egin, zainduak eta kritikatuak izan gabe! Sufritzen nuen, sobera kalakaria nintzela zioten, azkarregi irri egiten nuela... Tributik atera nahi nuen, baina harreman onak atxikiz. Serora, misiolari izateko hautua egin nuen, poztuko nituelako eta ni joanaraziko ninduelako! Etorkinen lekukotasunak ere bildu dituzu. Haietaz anitz mintzo gara, baina ez ditugu behatzen. Ahalke bat da. Bernard Kouchner entzuten nuen erraten Vietnamgo gerla garaian 150.000 erbesteratu hartu genituela arazorik gabe. Orain 7.000 nahi ditugu! Zergatik? Batez ere, anitz direlako musulmanak eta Frantzian nazionalismo beldurgarri bat instalatzen ari delako. Europa guztian ari da kokatzen eskuin muturra. 1962az geroz Beiruten bizi den ahizpa bat dut, Ekialde Hurbileko egoeraren berri ematen didana. Ohartzen naiz ez dakigula ezer hangoaz, komunikabideek ez digutela deus azaltzen. Ez da harrigarri, jakinda Frantziako komunikabide ia guztiak hiru miliardunen esku direla. Baina, argi da han gertatzen denaren erantzule garela. Haiekiko uzkurkeria azkarra da. Baina zer uste dute?! Inork ez du gustura uzten bere herria. Aldude hustu zen garaian... Hamar haurreko familiak ziren, baina bakar batentzat zen lekua. Edo komentura zihoazen edo emigratzen zuten. Emazteek anitz sufritu zuten, zenbat ziren nagusiak bortxatuak izan Bordelen edo Parisen? Eta artzainak... Urte batez inor ikusi gabe! Sufritu genuen, badakigu... Nolaz orain guk ezin ditugu etorkinak ulertu? Beldur zirea? Biziki. Diktatura izandako herri guztietan berdina gertatzen delako: etorkinei buruzko herra, nazionalismoa, mugen hestea... Herritarrek beti uste dute esku azkar batek herria salbatuko duela. Jendea manukorra da, manuak ematen dituzten agintariak nahi dituzte, inposatzen dabiltzanak. Alta, esperientziak erakusten digu dohakabetasuna dakarrela horrek, errepresioa eta min handiak.
news
argia-18d10e240a5a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/arrasateko-ehe.html
Jai Zale taberna, euskaraz bizitzeko gune
Amaia Ugalde
2015-09-20 00:00:00
Jai Zale taberna, euskaraz bizitzeko gune Urtarriletik txoko berri bat dago zabalik Arrasaten: Jai Zale taberna. Arrasateko Euskal Herrian Euskarazek kudeatzen duen espazioa da, euskararentzat arnasgune izan gura duena. Eurek proposatu eta eurek hartu dute Arrasaten Argia Egun Txikia antolatzeko ardura. Arrasaten 15 eta 24 urte arteko herritarren %88 da euskaraz berba egiteko gai, baina gazteek kalean izaten dituzten elkarrizketetatik % 36 baino ez dira euskaraz izaten. Datuok jakin aurretik ere, Arrasateko EHEko kideek sumatzen zuten egoera ez zela osasuntsuena. Arrasateko gaztiok euskaraz bizitzera goiaz aldarria sortu zuen EHEk duela hiruzpalau urte, eta orduantxe hasi zen taldea indartzen. Hainbat gazte hurbildu ziren taldera, eta gaztetasunak taldeko motibazioa indartu zuen; ekintzak egiteko gogoa eta bidean topatutako erronkei aurre egitekoa. Azken erronka handia Jai Zale taberna zabaltzea izan da. Espazio horri buruz eta EHEko asmoei buruz berba egiteko taldeko bi kiderekin izan gara, Mikel Makazagarekin eta Maider Azkarraga-Urizarrekin.      Hamabi lagunez osatutako taldea da Arrasatekoa, eta kideen batezbesteko adina 22 urte da. Mikel Makazagaren ustez,  gaztetasun horri esker ekin zioten Jai Zale tabernaren proiektuari. Lokala alokagai jarri zutela ikusi zuten, eta "beroaldi moduko bat" izan zutela aitortu dute. "Bi-hiru egunetan elkartu ginen denok hausnarketa sakona egiteko eta ikusteko ea gure norabidean tabernak tokirik bazeukan". Eta bai, proba egitea erabaki zuten. Ilusio eta lan handiko hileak izan dituzte, Santamasetan lokala eurena izango zela jakin zutenetik.      Taberna eta elkarte gastronomikoa da Jai Zale. Lehenago Gorripidea kultur elkarteak kudeatzen zuen, eta taberna hartzeko hainbat hautagai egon baziren ere, EHEri alokatzea erabaki zuten elkartekoek: "Eurak ere euskaltzaleak dira, eta norbanako batek taberna normal bat zabaldu ordez geuk hartzea ondo ikusten zuten".      Urtarrilaren 16an egin zuten inaugurazioa, eta ordutik hona taberna baten funtzionamenduaz asko ikasi dute Arrasateko EHEko kideek. Jada martxa hartuta daude, baina lehen hileetan sekulako lana egin zutela gogoratzen dute: "Giltzak urtarrilaren 3an eman zizkiguten, eta itzela izan zen, batzuetan 20:00ak arte lan egin, eta gero 20:00etatik 03:00ak arte margotzen, sukaldeko kontuak hornitzaileekin adostu, dena ondo garbitu…". Mikel Makazagaren ustez, hori gazteak izanda baino ezin daiteke egin: "29 urte dauzkat, eta ni naiz taldeko nagusiena. Denak nire adinekoak izango bagina, atzera botako ginateke".      Orain bi langile dituen taberna da Jai Zale; baina ez da taberna hutsa, kultura programazioa eta euskararekin lotutako jarduerak eskaini gura dituen gunea da. Eragiteko gunea Taldea indartsu zegoen momentu baten erabaki zuen EHEk Jai Zale sortzea, eta taldea indartzeko bidea izan daitekeela uste dute. "Jende asko hurreratu da 'horrelako zerbait behar zen' esatera", kontatu du Maider Azkarraga-Urizarrek. Herrian euskaltzaletasunarekin lotutako espazio bat izateak gazteen euskara erabileran eragingo duela uste dute EHEko kideek. Mikel Makazagaren iritziz, "euskalgintzaren erreferente inportantea gara momentu honetan, eta hori tabernari esker ere bada". Taberna barruan kalean baino euskara gehiago entzuten dutela dio Makazagak: "Jai Zalen elkarrizketen %36 baino gehiago entzuten da euskaraz; zenbat izango dira, %85 inguru?" Azkarraga-Urizar ados dago: "Normalean erdaraz egiten duten koadrilak euskaraz entzun ditut hemen".    Argi dute Jai Zale ez dela taberna soila, eta EHEren betiko egitekoek ere garrantzia izan behar dutela, bai tabernan bertan, eta baita kalean ere: "Taberna hartu eta gero, euskalgintzan presente egon gara, txosna batzordean ere oso aktibo ibili gara, kalean ere egon gara… Egia esan, tabernak indartzeko modu bat eman digu". Jai Zalen bertan, orain arte kontzertuak, bakarrizketak, jardunaldiak, osasungintza euskalduntzeko kexen bilketa eta bestelako ekitaldiak antolatu dituzte, eta ideia eta proposamenetara irekita daudela azaldu dute.      Euskararen erabileran eragiteaz gain, bertoko produktuen kontsumoa sustatu gura dute EHEko kideek. Horregatik, Arrasate inguruko ekoizleen janaria erosten saiatzen dira. Musika ere zaindu gura dutela azaldu dute, eta talde euskaldunei lehentasuna emateaz gain, abesti matxistak ez jartzeko galbahea pasatzen saiatzen dira. Proiektu handiagoa buruan Lokalak toki gehiago edukitzea gustatuko litzaieke EHEko kideei: "Txiki geratzen da. Euskalgintzako jardunaldi batzuk egin genituen eta 40 bat pertsonekin estu ibili ginen", gogoratu du Makazagak.      EHEn, Jai Zaletik haratago, Arrasateko euskalgintza osoak denek batera kudeatu dezaketen espazio batekin egiten dute amets.  Herrian elkarte eta eragile asko dabil euskalgintzan lanean. Betidanik egon da mugimendua. AED, AEK, Txatxilipurdi aisialdi taldea, udal euskaltegia, ikastetxeak, EHE bera… Eragile horiek guztiak Euskalgintza sarean batzen dira eta elkarlanean dabiltza hainbat egitasmotan. Indarrak batu eta espazio txukun bat sortzea gurako lukete EHEko kideek. Kafe antzokien antzera, baina formula propioa sortuta: "Hamabi gaztek sortu badute hau, Euskalgintza batek zer ezingo luke egin?", bota du Azkarraga-Urizarrek. Toki erreferente hori sortzeko bidean, Jai Zale "proiektu pilotu" moduan ikusten dute: "Bi urtetarako hartu dugu lokal hau, eta gure helburua toki on baten eta beste eragileekin batera horrelako espazio bat sortzea da; taberna hutsa ez den leku bat, bertan euskaraz bizi ahalko den lekua, bertako produktuak kontsumituz".
news
argia-cc85874365ee
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/barazki-purea.html
Barazki purea
Oier Araolaza
2015-09-20 00:00:00
Barazki purea Porruak, lekak, kuiatxoa eta tipulak erabili ditugu purea egiteko. Barazki batzuk ortuan jaso berriak dira, baina haiekin batera jarri ditugu iaztik izozkailuan genituenak, eta gainera dendan erositako pure pote bat gehitu diogu. Turmixak egin du sinkretismoa. Lagun batek gure festetako eta errituetako ezaugarri kristauak, paganoak eta osagai kultural ateoak bereizteko eskatu dit. Ez du erritu kristaurik ospatu nahi; festetan zer ospatu eta zer baztertu jakin nahi du. San Joan aipatze hutsak urtikaria eragiten du; orain modakoa udako solstizioa ospatzea da. Eguberrietan Olentzero onartzen da: "Jentila zen, aizu!". Inauteriak superbibentzia paganoak omen dira, beraz fenomeno; inauteri biharamuneko hausterre asteazkena eta garizumak zer diren ez dakigu eta ez dugu jakin nahi. Ez dugu onartu nahi gure festak eta errituak sinkretikoak direla, alegia barazki pureak. Hezur-mamiraino sartuta dugun pentsamendua da ospatzen ditugun hainbat erritu superbibentzia paganoak –zernahi delarik horrek esan nahi duena– direla, baztertzeko saiakeran huts egin ondoren kristautasunak bere gerizpean onartu behar izan zituenak. Hipotesi hori XIX. mendean sortu zen eta XX. mendean galtzerdia bailitzan buelta eman zaion arren, zuzenketak ez du zuzenduaren oihartzunik eskuratu, eta topiko faltsua, aurkikuntza berria bailitzan belaunaldiro erosten dugu. Gaurko antropologo eta erlijioaren historialari azkarrenetako batzuek diotenez, erritu paganotzat ditugunak orain 150 urte asmatu ziren. Kristautasunaren aurreko kultu eta erlijio ohiturak nolakoak izan zitezkeen irudikatu nahian, XIX. mendeko Europako herritar kristauen erritualak izan zituzten inspirazio iturri. Garaikide zituzten herritar xeheen kultu eta festa kristauak aztertu zituzten, eta horietan oinarrituta irudikatu zituzten bi mila urte lehenagokoak. Behin erlijio paganoen kultu ohiturak berrasmatuta eta ezagutzera emanda, superbibentziak eta erritu arkaikoen aztarnak zeremonia kristauetan identifikatzea bakarrik etorri zen. Nola ez zuten ba antzekotasunik aurkituko, haietan oinarrituta asmatu baitzituzten ustezko iturriak? Purea mahaira atera eta hasi dira komeriak. Batek dio porruen hariak ezin dituela irentsi. Beste batek kongelatutako jakirik ez duela jan nahi; hirugarrenak dio genetikoki eraldatu gabeko fruitu basatiak bakarrik jango dituela... Ez dakit zer egin, purea zakarrontzira bota ala barazki kremaren dekonstrukzioaz nazioarteko sinposiuma antolatu Donostian 2016an.
news
argia-a15ee596ac86
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/tralala-lalalala-lala.html
Tralala lalalala lala
Joanes Etxebarria
2015-09-20 00:00:00
Tralala lalalala lala Lagun batek errana: "Dena den pastoralak beti izanen dütük ez beita eüskara jakin behar egiteko". Polemikatxoak egin du bere bidetxoa eta joan zen uda, orain negua heldu da. Afera ez da auzitegitik pasako eta ez zaio heldu den urteko pastorala Jean-Louis Davanti eginaraziko kalte-ordain gisara. Pastorala frantsesez idatzi zen eta berdin txalotu zen. Normala, herri oso baten izerdia taularatzen delarik, txistuka aritzea itsusia litzatekeelako. Aitzineko urteetako pastoraletan, belarrira ezagun zen arizale (aktore) anitz ez zirela euskaldunak. Ez zen, orduan ere, txisturik entzuten. Txistuak tauladako alde gorritik ateratzen diren gaiztoentzat izaten dira, irriak ere usu. Isil-isila itzaltzen da polemika, piztu den bezala. Hiruzpalau mila ikusle herrira ekartzeko ilusioa bizi-bizia da oraino, eta kalkuluak fite eginak dira; euskaldun bat aski da herri batek pastorala egin dezan, eta ez bada idazlea itzultzailea izan dadila.
news
argia-c79207e96b3f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/gelditu-gastu-militarra.html
Gelditu gastu militarra
Juan Mari Arregi
2015-09-20 00:00:00
Gelditu gastu militarra Hau argitaratzen denerako, Europar Batzordea bilduta egongo da gerrak eta goseak sortutako milaka lagunen migrazioaren arazoa aztertzeko. Gerratik ihesi zebilen siriar nerabeak eman zuen irtenbidearen gakoa: "Ez baduzue gu Europara etortzerik nahi, gelditu gerra". Irtenbideak aipatzen hasita, jende horren jatorriko herrietako baliabide naturalak errespetatzea lagungarri suerta liteke, egun atzerriko herrialdeek esplotatzen baitituzte. Baita herri horien garapen sozioekonomikoan inbertitzea ere, paradisuaren bila doazen milaka lagunen hilotzak Mediterranoan barrena ibiltzea buka dadin. Hori gertatu bitartean, Europako ateetan dauden milaka lagunen tragedia konpondu beharra dago. Europako gobernuak, hartzeko prest dauden migratzaileen kuota eztabaidatzen ari dira, nor baino nor zekenago: euren aukera ekonomikoen arabera hartuko ei dute erabakia. Baina konponbide ekonomikoa badago, dirua egon, badagoelako. Aurrekontuen banaketan lehentasunak jartzea besterik ez da. Hala, datorren urteko gastu militarraren zati bat gelditzearekin nahikoa litzateke mundu mailako egoera larria konpontzeko. Munduko gastu militarra 1,662 bilioi eurokoa izan zen 2014an. Europan 410.000 milioi euro gastatu ziren, Ipar Amerikan 560.000 milioi euro. Espainiako Estatuan 16.000 milioi euro bideratu ziren gastu militarrera, biztanleko 368 euro –gastu farmazeutikoa, berriz, biztanleko 259 eurokoa izan zen–. Espainiako Estatuak 27.000 milioi euroko zor militarra dauka pilatuta, 2024 urte arte ordaindu beharrekoa, zer eta 87 Eurofighter ehiza-hegazkin, 289 Leopard gurdi eta 80 torpedo erosi dituelako. Europan gobernuek eta oposizioek berrarmatzeko politikak aurrera eramaten dituztela kontuan hartuta, zinikoa behar du izan esateko ez daukagula aurrekonturik jazarpen politikoa eta gosea jasaten ari diren milaka lagun hartzeko. Utzi berrarmatzeari, ezabatu aurrekontu-partida militarrak –nahiago genuke betiko, baina gutxienez datorren urtekoak– eta hala konponduko ditugu gerraren ondorioak eta gosea. Borondate politikoa baino ez da behar horretarako.j
news
argia-67300530791e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/emakumeen-mundu-martxa.html
Alternatiba feministak, Kurdistanetik Portugalera martxan
Malen Aldalur
2015-09-20 00:00:00
Alternatiba feministak, Kurdistanetik Portugalera martxan "Martxan jarraituko dugu guztiak aske izan arte". Horra hor Emakumeen Mundu Martxaren helburua; emakumeak askatzea. Martxoaren 8an abiatu zen Kurdistanetik eta urriaren 17an iritsiko da Portugalera; tartean, Euskal Herritik igaroko da. Ez da erraza mundua norabide berean martxan jartzea, baina 1995etik hona, bost urtean behin lortzen du Emakumeen Mundu Martxak. Quebec-en (Kanada) egin zuten lehen karabana Ogiaren eta Larrosaren martxa izenpean; 15.000 lagunek hartu zuten parte. Ez du euri gutxi egin garai hartatik. Aitzitik, Emakumeen Mundu Martxa bezala ezagutzen duguna 2000. urtean egin zen estreinakoz, demokrazia, itxaropena, berdintasuna eta bakea aldarrikatzeko. Vania Martins eta Ximena Mriel Portugalgo eta Galiziako koordinatzaileak dira, eta haien ustez norbere borrokak nazioarteko bihurtzea da Martxa: "Niretzat biolentziaren eta kapitalismoaren aurkako borrokan gainerako emakumeekin bat egitea errebeldia konpartitua da", dio Martinsek. Mugimenduaren dimentsioa 163 herrialdetan banatutako 5.000 taldek baino gehiagok hartuko dute parte. Emakume anitzak, borroka berak batuta. Bost urtean behin irteten dira errepidera, herrialdez herrialde alternatiba feministak eraikitzeko. Mundu Martxaren aitzakiapean hainbat ekintza antolatzen dira mundu osoan. Portugalen, esaterako, proiektuaren aurkezpenak eta eztabaida foroak egin dituzte eta oso harrera ona izan dute. Bertako koordinatzailearen hitzetan, emakume askok hartu dute parte Martxaren bukaerako ekitaldia antolatzen: "Oporton, esaterako –bi egun egingo ditu Martxak bertan–, emakume talde bat jaialdi feminista antolatzen ari da karabanari ongietorria egiteko. Coinbra-n antzera gertatzen da, gogoz betetako emakume taldea ari da dena antolatzen, eta Lisboan –azken ekitaldia egingo den lekuan– emakume ugari mobilizatu dira Martxak bertan iraungo dituen hiru egunak antolatzen". "Feminismoarekin, eguneroko lanarekin eta alternatibak eraikiz frogatu dugu posible dela bestelako mundu bat sortzea; dagoeneko martxan hasi gara", dio Mrielek. Haren hitzetan, konturatzen zarenean biolentziaren eta kapitalismoaren aurkako borroka bera dela Maputxeen herrian, Palestinan, Filipinetan, Kanadan, Euskal Herrian eta Kuban, eta ohartzen zarenean batasunak "potentzia iraultzaile ikaragarria" eskaintzen duela, ezin diozu horren alde lan egiteari utzi. "Horrela egiten dugu munduko txoko guztietako milaka emakumek bost urtetik behin; gure ahotsak batu ditugu nazioarteko ekintza batean, eta aurten ere halaxe egingo dugu". Alternatiba feminista Joana Aurrekoetxea Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea da, eta Kurdistanen izan zen Martxaren hasieran: "Mundu hau eraldatzeko grinak batzen gaitu, finean. Justizia soziala da gure aldarrikapenen muina, eta ikusten dugu afera horretan emakumeok eta orokorrean subjektu feministak gako nagusi garela". Dena den, uste du berezitasunak ere badituztela euren artean Martxan parte hartzen duten emakumeek, "bereizten gaituzte sinesmenek, historiek, izenek, ohiturek eta abar luze batek. Horrek bereizten eta aldi berean aberasten gaitu, nahiz eta aitortu behar dugun horrek batzuetan konplexuagoa egiten duela elkarlana. Halere, edozein adostasun, edozein aurrerapauso lorpen handi bezala bizi dugu". Martinsek azaldu du asko direla Martxaren aldarrikapenak, "tokian tokiko errealitateak ere aintzat hartu behar dira". Dena den, portugaldarraren iritziz lau aldarrikapen nagusi daude, hainbat lan-ildori lotuak: guztien ongizatea eta zerbitzu publikoak; elikadura burujabetza; ekoizpen eta laborantza jasangarria; emakumeen eskubidea jana, edana, lurra, etxebizitza, jakintza eta hezkuntza izateko, osasuna edo energia zerbitzu publikoak izateko eskubidea; bakea eta desmilitarizazioa; burujabetza ekonomikoa; eta emakumeen aurkako biolentzia. Martxaren lehen pausoak Aldarrikapenen motxila ondo beteta zuela abiatu zen lehen Martxa hura. Mundu osoko feministak ados dauden bi gai nagusi biltzen zituen: pobrezia eta indarkeria sexista. Baina ez ziren gai horiek soilik jorratu, tartean izan ziren, besteak beste, formazioa eta hezkuntza plan baten beharra, eta kontzientziazio feminista aktibatzeko nahia. Bestalde, helburu estrategikoagoa ere ezarri zen: mundu-sare feminista sortzea globalki eta lokalki eragingo zuena. Hasiera-hasieratik lortu zuen Emakumeen Mundu Martxak izugarrizko oihartzuna. 2000. urtean Quebec-etik eta Genevatik abiatu eta New Yorken amaitu zen. Urte hartan ez zituen Euskal Herriko lurrak zeharkatu –aurten egingo duen gisara–, baina hemen ere izan zuen oihartzunik, ekainaren 17tik urriaren 7ra bitartean –Martxak irauten zuen tartea– hainbat ekintza antolatu ziren, hala nola antzerkiak, idazleen eguna eta baita manifestazio nazionala ere, Donostian. Europako zenbait tokitatik martxak antolatu zituzten Bruselara, baita Euskal Herritik ere, Europako mobilizazioa babesteko. Lortutako eragina eta izandako oihartzuna ikusirik, bost urtean behin mundu-ekintza handia egitea erabaki zen. Ehun herrialdek baino gehiagok hartzen dute parte Emakumeen Mundu Martxan eta horrelako mugimendua antolatzea ez da batere erraza: "Konplexua eta zoragarria da aldi berean", esan du Mrielek. "Martxa koordinazio nazionalen batura da; herri, eskualde, nazio eta nazioarte mailan antolatzen dena", azaldu du Martinsek. Portugalen kasuan, koordinatzaile taldean lanean dihardutenak Martxan aritzeaz gain, beste hainbat elkartetan ere egiten dute lan; esaterako, arrazakeriaren eta etxegabetzeen aurkako mugimenduetan. Euskal Herrian zer Irailaren 28an Kataluniak lekukoa pasa eta Tafallan sartuko da karabana. Nafarroa, Ipar Euskal Herria, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia igarota bere bidea jarraituko du Galiziarantz. Bilbon izango da azken ekitaldia urriaren 4an. Alta, karabanak zeharkatuko ez dituen eskualdeetan ere hainbat ekintza antolatuko dira ahalik eta eragin handiena lortzeko. Hori lortu nahi baitu Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak: emakume anitzez osatutako mugimendua. Hainbat esparrutan lan egiten duten emakumez osatu dute taldea: militantzia feminista, nekazaritza, sindikalgintza, hezkuntza, migrazioa, lesbianismoa, aniztasun funtzionala… Ez da Mundu Martxa euskal lurretatik igarotzen den lehen aldia. Nazioarteko ekintzari babesa emateko, Euskal Herrian helburu zehatza jarri zen abian, 2003an: Mundu Gutuna oinarri bezala hartuta, eztabaida irekia egin zuten, herriz herri, Euskal Herriko Emakumeen Eskubide Gutuna sortzeko. 2005ean arrakasta itzela izan zuen Martxak eta bost egunez autobus moreek hartu zituzten Euskal Herriko hainbat herri. 2010ean egin zen hurrengo Martxa, eta azken hau ez zen hain arrakastatsua izan: "Beherakadatxo bat izan zuen, baina gure helburua aurten Martxa berrindartzea da", azaldu du Josebe Iturrioz Mundu Martxako kideak.
news
argia-93fe73a87ded
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/eltzia.html
O�atiko eragileen elkarlanerako gunea
Iker O�ate Aiastui
2015-09-20 00:00:00
O�atiko eragileen elkarlanerako gunea Proiektu bakoitzak osagai propioak dauzka, etxe bakoitzeko eltzeen gisara. Bakoitzak berea landatzen du, ostera jaso eta saltsa eder bat prestatzeko. Hori da Oñatiko Udalak, herriko elkarteekin eta Bagararekin elkarlanean sorturiko Eltzia proiektuaren funtsa. Guztiz diseinatu gabeko proiektua da. Etengabeko garapen prozesua izango da amaierako forma definitzearen arduraduna. "Diseinatu eta egin" beharrean, "egin eta diseinatu" lelori heldu diote Eltzekideek. Eraikina beren esku dago; eta hortik aurrerakoa, taldeen ardura izango da.      Eltzia ez da ezerezetik sorturiko proiektua. Bere sustraiek 2010. urtean eman zuten lehen tirada. Herriko zenbait kultur elkarte lokal bila zebiltzan, beren jarduera garatu ahal izateko egoitza faltan zeudelako, edo zutena baldintza prekarioan zegoelako. Kasualitateak kasualitate, urte hartan, Mondragon Unibertsitateak bere jarduera lekualdatzea erabaki zuen. San Lorentzo auzoko eraikina hutsik gelditu zen; ETEOko egoitza zaharra Mondragon Unibertsitatearen iraganaren parte zen jada.      Egoera baliagarria izan zen herriko kultur taldeentzat: agustindarrek sorturiko eraikina erretirora bazihoan ere, berau biziberritzeko egitasmoa sortu zen herrian, herriko hainbat kultur talderen egoitza-eskaeran oinarrituta. Proiektu berri bati ekiteko erabakia hartu zuen Udalak; ordura arte herrian ikusi gabeko prozedura baten lehen hazia landatu zen. "Giltza eman eta lokala modu pasiboan erabiltzeko eskubidea eskaini beharrean, elkarteak eurak proiektuaren parte aktibo bilakatzea nahi genuen", dio Nerea Zubia Kultur zinegotziak. Hala, kideek diseinatu zezaketen egitasmoa jarri zen abian.      Martxan dagoenetik, Eltzia etengabeko bilakaera ari da bizitzen. Eltzekideak dira proiektuaren gidari eta beraien eskutik, eraikinaren itxura, erabiltzaile kopurua eta proiektuaren izaera metamorfosi etengabean daude. Esaterako, hasieran kultur taldeei zuzenduriko esparrua eraikitzeko asmoa bazegoen ere, prozesuak aurrera egin ahala bestelako beharrak agertu dira. Alor ugaritako taldeak –herri mugimenduak edota auzo elkarteak, esaterako– erakarri ditu, besteak beste, eta egitasmoa bera kultura alorretik harago joan da, oinarriari eutsiz hala ere. Herritarrek herriarendako garatuko duten egitasmoa izaten jarraitzen du. Finean, proiektuaren filosofiak du garrantzia: Nerea Zubiaren esanetan, "gizarte eredu berri bat eraikitzeko bitarteko bilakatu da". Ni-tik gu-ra, Bagararen eskutik Egitasmoko kideen arteko hasierako harremana bideratu nahian, 2013ko maiatzean Bagara kooperatiba kontratatu zuen Udalak. Bagara Debagoiena eskualdeko kooperatiba txikia da, gizarte eredu jasangarrirako eraldaketa eta eraketa autonomoa oinarri dituena.      Oñatiko egitasmoan Eltzekideen arteko koordinazioa izan du zeregin nagusia. Alde batetik, herriko eragileen ikusmira ugariak bateratzeko lan egin du; bestetik, taldeei herri mugimenduen komunitateko parte izatearen kontzientzia transmititzen ahalegindu da. Elkarte hutsak diren ideia zokorarazi nahi zaie taldeei. "Ni horretatik gu honetara pasatzea", dio Johana Olabarria Bagarako kideak. Hori lortzeko, aholkularitza zerbitzua eta lanak errazteko baliabideak eskaintzen ditu kooperatibak.      Hala ere, bateria orori agortzen zaio energia. Kasu honetan Bagarari eman zaion koordinaziorako ardurak badu iraungitze data: prozesuak aurrera egin ahala, zeregin hori elkarteen esku geratuko da. Kooperatibaren eginbeharra ibilbidearen lehen harria jartzea izan da; hortik aurrerakoa, mugimenduek eraiki beharko dute. Eltzia bor-borka Egun, hamabost dira eraikina erabiltzen ari diren taldeak (Sare, Gurutze Gorria, Trikitxaranga edota Oñatiko Bertso Eskola, esaterako). Aurrerago partaide gehiagoren presentzia aurreikusten da eta horretarako aldaketa arkitektonikoak egin beharko dira eraikinean, talde bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz.      Bitartean, bilkurek ez dute etenik. Proiektuko kide direnek lanean dihardute, funtzionamendua zehazteko ahaleginean. Oinarriak finkatuta daude jada. Elkarlana da funtsa; eta bultzatu nahi dira herriko taldeen arteko elkartasuna, jakintza partekatua, osagarritasuna eta parte-hartzea.      Proiektu honetan erabaki oro da aurrerapauso, are gehiago aldaketa guztien oinarria adostasuna denean: erabaki orok jaso behar du Eltzekideen onespena eta horrek kontsentsuak bilatzera bideratzen ditu partaideak. Denentzat espazioa, bakoitzaren beharren arabera Eraikinaren 6.000 metro koadroetatik 4.000 erabiltzea aurreikusten du Udalak oraingoz. Espazioa partekatua izango da. "Ideia hori argi izan dugu hasieratik", dio Johana Olabarriak. Taldeak eurak izango dira espazioa noiz, nola eta nork erabili erabakitzearen arduradunak; betiere, bakoitzaren beharren arabera; eta lekua ez da taldeen arabera antolatuko, ekintzen arabera baizik.      Eltzekide guztiek ez dituzte ezaugarri berak, eta kasu batzuetan, baliabide espezifikoagoen beharra dute –esaterako, argazkilaritza taldeak–. Gisako arazoei aurre egin nahian, egitasmoak azpitaldeak sortu ditu. Zalantzak uxatzen ari dira Herriko elkarteen artean sortu den harremana ez da eraikin barneko ekintzetara mugatuko: prozesu hau herrian islatuko da. Esaterako, kultur ikuskizun berriak sor litezke, elkarlanean oinarrituriko emanaldiak, alegia.      Nolanahi, Eltziaren inguruko iritziak ez dira alde bakarrekoak. Batzuek gainkarga gisa ikusi zuten egitasmoa, beren jardueratik at zegoen ardura gisa. Beste batzuek berriz, zalantzan jarri zuten proiektuaren bideragarritasuna. Egitasmoaren bilakaera ari da horrelako ezbaiak disolbatzen: herriko elkarte batzuek jada eraikinean dute egoitza. Horrek egitasmoarentzat uhin positiboak zabaldu ditu gainerako taldeen artean. Proiektuaren bideragarritasuna zalantzan jartzen zutenek egungo egoera aztertu besterik ez dute. "Etorkizunean ez dugu arazorik aurreikusten. Jada hainbat talde daude eraikinean eta ongi funtzionatzen dute", dio Mikel Urrutia Oñatz Dantza Taldeko kideak. Eraikinetik hasi, herri osoa helburu Hurrengo pausoari ekiteko garaia da: bere jarduera esparrua zabaldu nahian, Eltzia herrira eramateko ahaleginak egingo dira orain proiektua aurkeztuz eta ateak irekiz. Oraindik eltzekide ez diren herritarrak erakarri nahi dituzte; lehenbizi interesa piztu eta hortik eraikina beraiena ere badela transmititu.      Egitasmoaren geroaz mintzatzean baina, erantzuna ez da batere argia. Bagarako kidearen esanetan, "proiektu honen etorkizuna bakoitzak jarri nahi dion energiaren araberakoa izango da". Hala ere, Eltziaren arrakasta unitate kualitatiboetan neurtzea huts larria litzateke. Johana Olabarriak uste du prozesuaren helburu nagusia ez dela ahalik eta elkarte gehien biltzea, "dauden horiek elkarlana zer den ulertzea baizik". Eta hortaz, prozesua potentzialki amaigabea da.      Errotak biraka jarraitzen omen du haizea dagoen bitartean. Hori da egitasmoaren bultzatzaileek bilatzen dutena: Eltzia hauspotuko duten elkarteak biltzea. Etenik gabeko prozesuan murgildurik, proiektua bide onetik doala dirudi. Elkarteek osagai ezberdinak bota dituzte eltzera, eta honek ez du gainezka egin. Kontrakoa. Osagai guztiek bat egiten dutela dirudi, hauen artean bakarra gailendu den arren: elkartasuna. Orain, saltsa egiten jarraitu eta pixkanaka dastatzeko ordua da.
news
argia-0f05423d34bd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/umekiaren-zelulek-zer-kalte-egiten-diote-amaren-osasunari.html
Umekiaren zelulek zer kalte egiten diote amaren osasunari?
Joxerra Aizpurua
2015-09-20 00:00:00
Umekiaren zelulek zer kalte egiten diote amaren osasunari? Umekiaren eta amaren artean karenaren bidez oxigenoa eta elikagaiak trukatzen dira gehienbat, baina horiez gain umekiaren zelulak amaren gorputzean sartu eta hainbat lekutan kokatzen dira, hala nola azalean, biriketan, bihotzean eta garunean, besteak beste.      Zientzialariak aspalditik dabiltza zelula horiek amaren osasunean duten eragina ezagutu nahian. Orain arte ezin izan da ezer frogatu erabat, baina ia ziurtzat ematen da amek onurak zein kalteak jasan ditzaketela umekien zelulen eraginez. Onuren multzoan hiru azpimarratu daitezke: bularretako esne ekoizpena hobetzea; zaurien edo ebakuntzen aurrean orbaintzea azkartzea; eta gorputzeko tenperaturaren erregulazioa hobetzea. Kalte nagusia, berriz, amaren immunitate-sistemari egindako erasoa da. Horrek gaixotasun autoimmuneak sortzen ditu, esterako artritis erreumatoideak. Baliteke ere lupusak eta hainbat minbizik umearen eta amaren arteko harreman horrekin lotura izatea.      Gainera, haurdunaldi bat baino gehiagotik eratorritako umeki-zelulek elkarri eraso diezaiokete, eta horrek eragina du amaren osasunean.
news
argia-de77830d1893
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/apunteak.html
Apunteak
Angel Erro
2015-09-20 00:00:00
Apunteak Gerratik, batzuetan ezagutzen ez ditugun edo ahaztu zaizkigun lurraldeetako gerretatik, ihesean datozen errefuxiatu eta bizimodua hola edo hala aurrera atera nahian gurera nahi duten etorkinen arazoa biziberritu da azkenaldian. Uda honetan bereziki. Jende askoren kontzientzia astindu du. Aztertu horri buruzko liburu bat ateratzeko egokiera. Baztertu, oraingoz, ukitu feministadun gazte euskaldun baten prekarietateari buruzko egitasmoa. Istorioa: 2015eko abuztuaren 29an Livornoko taberna batean (Piccola Veneziaren parean) kafea hartu bitartean, La Reppublica egunkarian irakurritako La bimba contesa, nata su un gommone artikuluan jasotakoa. Lampedusatik hurbil kostako guardiek erreskatatu duten txalupa batean, Libiatik etorritako 103 lagunen artean, emakume hil bat dago. Gazte-gaztea. Nigeriarra. Libiako "eremu" batean, Italiara noiz zeharkatu ahalko zain, seguruenik egoera higieniko eta mediko eskasean erditu zen Gift (Oparia) deitu duten neskatxa batez. Eta harekin ontziratu da aukera izan duenean, baina batek daki nolako erditzearen ondorioengatik hil da ama bidaiaren erdian. Txalupako emakumeek zainduta aurkitu dute gorpua. Umea lehenik erreskatatu dute. Guardiek Lampedusako ospitale batera eraman dute, azter dezaten. Umea onik dago. Amaren gorpua erreklamatu duen emakumeak, haren ahizpak, txalupa berean zegoenak, Gifti laguntzen dio ospitalean. Kontua nahasi da gizonezko bi gazte nigeriarrek poliziara jo dutenean bakoitzak umea berea dela esanez. Ustezko izebak ez bata ez bestea, benazko aita Nigerian gelditu dela adierazi du. Agrigentoko komisariako krimenen aurkako sailaren ardurapean utzi dute kasua. Horraino notizia. Eleberri plana: Bi polizia-gizonari ematen diete umea noren senidea den ikertzeko ardura. Ez dago proba genetikorako aukerarik (asmatu aitzakia bat: aurrekontua, burokrazia, sistemari berdin diote baztertuen filiazio kontuek). Bi aita posibleen artean hasten dute ikerketa. Nondik etorri diren, non ibili diren, Giften ama nola ezagutu duten... Ez dute ezer garbi ateratzen umearen izebarekin gurutzatutako datuen argitara. Polizietako batek Salamone izan lezake abizena. Siziliakoa. Salamone abizena Italiako hegoaldekoa omen da. Bi aiten artean aukeratu beharraren oihartzun biblikoari keinu egiteko. Izan ere, uneren batean holako estualdi batean jarri beharko lituzke, egiazko aitak are alaba bestearekin gelditu nahiago izateraino. Gift Nigeriara bueltan bidaltzearekin mehatxatu? Horrela ere ez du lortzen gezurrezkoari mozorroa kentzea. Mundu guztiak ezagutzen du Bibliako trikimailua. Biek nahiago izan dute besteak Gift izatea, umea etorkizunik gabeko lurraldera itzultzea baino (sic). Halere, Salamone inspektoreak, senez, badaki haietako bat –desaxolena dirudiena– dela aita, frogatu ezin badu ere. Nagusiek erabaki bat hartzeko presatzen diote. Ez du erantzunik. Prozedura burokratikoari jarraiki, izebari ematen zaio umea. (Aldaketa?: umearen izeba beharrean, amaren izeba bihurtuko nuke). Denbora pasa da. Berrelkartze familiarra eskatu du Nigeriatik izebak aitatzat jotako gizonak eta Italian batu dira. Salamonek leitu du txostenean eta ahaztu da kontuaz. Behin ikusten ditu. Giften aita gizon zahar bat da, izebari gerritik eusten diona. Argi dakusa emakume horrek Gift erabili duela bere senarra Europara ekartzeko. Akaso, lanetik eta legetik kanpo, aitaren bila hasten da. 400 orrialde. Umeari izena aldatu: Opari deitzea agerikoegia da eleberri baterako.
news
argia-c25fc0e9a5aa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/63-zinemaldia.html
Film hauen artean Urrezko Maskor bat dago
Gorka Bereziartua Mitxelena
2015-09-20 00:00:00
Film hauen artean Urrezko Maskor bat dago Eskaintza orekatua 63. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Sail Ofizialean, gustu diferenteetako publikoak asetzeko modukoa eta sorpresaren bat gorde dezakeena. Hauek dira arreta eragin diguten titulu eta zuzendariak eta haien aurrekariak. Gonbidatu berriak eta Zinemaldiaren aspaldiko lagunak elkartuko ditu aurten Sail Ofizialak. Urrezko Maskorrarengatik lehiatuko diren filmen artean Terence Davies zuzendariaren izenera jo dute azken urteotan festibalaren gorabeherak jarraitu dituztenek: 2011. urtean The Deep Blue Sea rekin zapore ona utzi zuen arren, saririk gabe itzuli zen etxera eta aurten Sunset Song en kontatzen duen XX. mende hasierako maitasun istorioarekin sariren bat jasotzeko hautagaia dirudi. Zuzendariaren ibilbidea errepasatuta, faboritoen zerrendan agertzeko meriturik ez zaio falta.      Baina gero batek daki. Sail Ofizialak hori dauka, aurretik txukunenak diruditen lanek pott egiten dutela eta dantzara inork gonbidatzen ez zuen filmak jasotzen duela moluskoa. Filmak ikusi aurretik haietaz espero daitekeenaz hitz egitea Gerologia eta Bihartika karrera ikasi zutenen lana izan beharko litzateke, baina ez daukagu eskura horietako bakar baten telefonorik. Zinemaldiko filmen zerrenda besterik ez.      Daviesekin batera, festibaleko sail inportanteenera itzuliko dira kontuan hartzeko moduko beste bi zuzendari. Agustí Villaronga mallorkarrak 2010ean Pa negrer ekin jo zuen kolpea errepikatu nahi du –emakumezko aktore onenaren zilarrezko maskorra jaso zuen Nora Navasek eta izandako harrera beroak bidea erraztu zion katalanez errodatutako film garrantzitsuenen zerrendan sartzeraino–. El rey de la Habana rekin dator zuzendari beteranoa, 1990eko hamarkadako gazte kubatarren istorioa.      Txalo gutxiagorekin pasa zen duela bost urte Liu Hao txinatarra –ez nahastu izen eta nazionalitate bereko pisu-altxatzailearekin, otoi–: aurten aurkeztuko duen Xiang bei fang filmak inguru hauetan oso ezaguna ez den problematikari heldu dio, Txinako familiak haur bakarra edukitzera behartzen dituen politikak zer egoeratan uzten dituen umea galtzen duten gurasoak. Rebordinosen kuttunak? Jose Luis Rebordinosek Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astea utzi eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren lema hartu zuenean filmen hautaketan aldaketa txiki batzuk sumatu ziren. Genero-zinemako lanak Sail Ofizialean sartzen hasteak jaialdiari freskotasuna erantsi zion, batzuei asko gustatu ez arren –ezta, Arturo Ripstein?–.    Ez dakigu Rebordinosen eskuak zenbat daukan ikusteko edizio honetan lehiatuko diren bi ekoizpenetan: Mamoru Hosodak Bakemono no ko animaziozko filma ekarriko du; animearen munduan oso ezaguna den One Piece sailean lan egindakoa da, baita Toei Animation etxean ere – Dragoi Bola ren faktorian, alegia–. Ben Wheatleyren ibilbidea bestelakoa da, beldurrezko filmak eta komedia beltz bat dauzka curriculumean, Doctor Who telesail britainiar ezaguneko kapitulu batzuez gain. High-Rise aurkeztuko du Donostian, 1975eko Londresen girotutako itxura oneko istorio bat. Promesa berriak eta itzulerak Zinema europarraren etorkizuneko figura garrantzitsu gisa erretratatu dute zenbaitek Sparrows filma zuzendu duen Rúnar Rúnarsson. Bigarren film luzea du, baina ez da hasiberria. 25 urte besterik ez zituenean bere aurpegi zurbil islandiarra paseatu zuen 2005eko Oscar sarien galatik. The Last Farm hark ez zuen urrezko estatua lortu, baina bai zuzendariaren proiekzioaz hitz eginaraztea. Hamar urte geroago, zer gehiago ikasi duen ikusteko gogoa ematen du.      Hamaika urte pasa dira Lucile Hadzihalilovic zuzendariak Donostiara Innocence ekarri zuenetik. Zabaltegiko zuzendari berri onenaren saria besapean itzuli zen etxera, erabaki nahiko eztabaidatua portzierto; eta geroztik ez du material berririk pantailaratu –gero esango dute Donostiako eguraldia ez dela deprimitzeko modukoa–. Evolution aurkeztuko du aurten, abiapuntu misteriotsua duen filma.      Raising Victor Vargas ekin Donostian sari txiki bat lortu ondoren Champions Leaguean jokatzera datorren beste zuzendari bat Peter Sollett da. Juliane Moore protagonista duen Freeheld benetako gertakarietan oinarrituta dago, lesbiana bikote batek berdintasunaren alde egindako borroka ardatz hartuta. Seguru zerbait irabaziko dutela Ez da gauza berria Zinemaldiak ekoizpen iberikoei faborezko tratua ematen diela palmaresean. Horregatik, komeni da begirik ez kentzea Cesc Gayren Truman i –Ricardo Darín eta Javier Cámara protagonista– eta Eva no duerme hispano-argentinarrari. Imanol Arias du protagonista azken horrek: 1987an bezala gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra lortzeko aukera izan dezake sonotoneak iragartzeari esker bigarren gaztaro interpretatiboa bizi duen ermuarrak.      Dena den, ez dakit zergatik saiatzen garen. Seguru azkenean telegrama batean bezala aipatuko ditugun 21 nuits avec Pattie, El Apóstata, Les Chevaliers Blancs, Les démons, Moira edo Un dia perfecte per volar izango direla aurtengo txalotuenak. Merkezurreko kristalezko bolaren bat erosi izan bagenu sikiera artikulu hau idazten hasi aurretik.
news
argia-e23961ef48e3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/iruditu-ustez.html
Iruditu, ustez...
Jakoba Errekondo
2015-09-20 00:00:00
Iruditu, ustez... Euri jasa itxurazkoa bada, ondoren errioak ur-karga dezentekoa ekartzen duen tankeran, aurten fruitu urtea da. Gero atera beharko dira kontuak, eguraldiaren segidak edo zer arraio dela-eta aurten ia denak oparo eman duen: tomate ( Lycopersicon esculentum ), piper ( Capsicum annuum ), sagarrondo ( Malus x domestica ), udareondo ( Pyrus communis ), aranondo ( Prunus domestica ), hurritz ( Corylus avellana ) eta abar. Datozenak ikuskizun dira, baina ez dakarte itxura txarra artoak ( Zea mays ), babarrunak ( Phaseolus vulgaris ), intxaurrondoak ( Juglans regia ), elorri beltzak ( Prunus spinosa ) eta mizpirondoak ( Mespilus germanica ).      Urte ederra doa bai aurtengo hau, eta fruituen emana baliatu nahi dut oinarrizko gauza batzuk gogora ekartzeko. Adibidez: fruituak ez dira guk jan edo edateko sortu, hazi eta ekarriak. Fruituaren betebeharra haziak bildu eta bideratzea da; fruitua eman duen landare amaren espezieko izabanako berriak sortuko dituzten haziak. Aurreko batean nioen eran, hazi bakoitza informazio genetiko berezi eta parerik gabeko baten kontainerra da. Landare banako baten sortzailea, bere espeziean berdinik izango ez duen izabanako batena.      Hazia sortzeko sexu harremana gauzatu duten bi landareren helburua –landare berriak sortzea, alegia– egoki bideratzeko, nahitaezko baldintza batzuk bete behar dira. Lehenengoa hazia ondo heltzea eta osatzea da, osasuntsu eta gogor. Zaildu gabeko haziak ez du landare berririk sortuko. Sorkuntza hori ahalik eta errazena eta gauzagarriena izan dadin haziak ahalik eta bide naturalenari jarraitu beharko lioke. Naturan fruitua animaliaren batek jan eta haziak bere simaur dosiarekin hedatuko ditu. Edo, fruitua umotu, erori eta lurrean ustelduta, daramatzan haziei "luarra" emango die. Usteldura bat da landarearen bizitzaren helburua lortzeko bitarteko. Usteak erdia ustel duela dio esaerak. Eta dena ustel balitz? Ustea, hau da, letorkeen landarearen sorkuntza ez al da uste soila? Edo hustea? Hutsaren hurrengoa ez al da sorkuntza guztia? Hutsa ustearen ustelduratik landarea sortzen da! Hala iruditzen zait. Iruditu ere, zura iruditzen denean ustel tankera du. Iruditzea ez al da ba uste izatea?
news
argia-f3a3e7d08e2e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/irailak-27-demokrazia-eta-zuzenbidea.html
Irailak 27: demokrazia eta zuzenbidea?
Garbi�e Biurrun
2015-09-20 00:00:00
Irailak 27: demokrazia eta zuzenbidea? Kataluniako hauteskunde autonomikoak irailaren 27an egingo dira. Dakigunez, indar politiko guztien esanetan, oso hauteskunde bereziak eta garrantzitsuak dira, eta hautagai zerrenda batentzat –Junts Pel Sí– plebiszitu modukoak. Horrek ez luke Estatuan aparteko arretarik mereziko, baldin eta herriari galdetzen zaionak independentziarekin zerikusirik ez balu. Finean, alderdi politikoek euren egitasmoak hauteskundeetan aurkezten dituztenean, baietza eta babesa eskatzen ari dira horientzat. Baina, tira, Katalunian orain arte ez dute independentziari buruzko benetako plebisziturik egiteko aukerarik izan, 2014ko azaroaren 9koa ez baitzen "legala" izan. Argi dagoena da Junts Pel Sí hautagaitzak irabazten badu –aulkien gehiengoa lortzen badu– Parlament-ean bideratu ahal izango dutela herri horren etorkizuna –egunen batean herriak zuzenean erabakiko duelarik, noski–. Ikusteko dago zein den Kataluniako herritarren erantzuna. Datorren astean gertatu behar duena ez naiz ausartuko asmatzen eta ez dut uste, gainera, merezi duenik. Laster jakingo dugu herriak zer nahi duen eta nola erantzuten dion gertatzen ari den hainbat mugimenduri. Batetik, Konstituzio Auzitegiaren Legea berritzeko Alderdi Popularrak aurkezturiko proposamena. Auzitegi horrek zigorrak jartzeko ahalmena ezartzen du –lehendik ere bazuena– bere ebazpenak betetzen ez dituztenen karguak eteteko. Mugimendu-eraso horrek balorazio politikoa behar du: legealdia amaitzen ari denean, hausnarketarik gabe; inolako adostasunik bilatu gabe aurkeztu da; indarrean dagoen araudian helburu horretarako tresnak badaudela ahaztuz, "ausardia" azaldu nahian, seguruenik; Alderdi Popularrak eta Gobernuak Konstituzio Auzitegian konfiantza handiagoa dutela auzitegi arruntetan baino –bost axola zaie horrek auzitegi horren legitimitatea oraindik beherago badoa ere–. Bestetik, kanpotik, Europar Batasunetik etorri dena. Angela Merkelek eta David Cameronek egindako adierazpenak kezkagarriak dira, benetan. Argi dago bi agintari horiek esandakoak eragina izan dezakeela herriarengan, horretarako egin dira eta. Kataluniako herriaren borondatea okertu nahi da, ez informazio zuzen eta zehatzaren bitartez –hori guztiz zilegizkoa izango litzateke, noski–, informazio iluna eta tranpatia emanez baizik. Zergatik esaten ari naiz iruzurra egiten ari direla? Bada, une honetan, inork ez dakielako juridikoki nola bideratuko litzatekeen Europar Batasunean Kataluniak egin dezakeen independentziaren aldeko aldarrikapena. Ez, Europako araudiak ez dauka erantzunik horretarako, hau ez dago inon aurreikusita eta zalantza asko planteatzen ditu. Merkelek eta Cameronek azaldu dute Katalunia independentea Europar Batasunetik kanpo geratuko litzatekeela eta sarrera eskatu beharko lukeela. Baina hori ez dago garbi, ez delako horretaz arautu eta ez delako oraindik horrelakorik gertatu. Beraz, adierazpen horiek ez dira zuzenak. Argi dagoen gauza bakarra da Kataluniak bere independentzia erabakitzen badu, Europak eta mundu osoak erantzun zuhurra eta arrazoizkoa eman beharko dutela. Eta zein arrazoiren arabera? Ez Zuzenbide idatziarena, esan bezala, baizik eta logika demokratikoaren arrazoiarena: indarkeria erabili gabe eta bozen indarrez sortutako estatu berriari ongietorria ematea. Nik ez dut beste irtenbiderik ikusten. Beraz, irailaren 27an –eta etorkizunean ere– Kataluniako herritarrek bozka dezatela euren arrazoi demokratikoaren legitimitateaz eta ez inoren kalteren beldurrez.
news
argia-68eb4858bdc7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/argia-egun-txikia.html
Txikitik eragiten dabiltzanak elkar ezagutzen Arrasaten
Amaia Ugalde
2015-09-20 00:00:00
Txikitik eragiten dabiltzanak elkar ezagutzen Arrasaten Oñatin irailaren 20an ospatuko den Argia Egunaren atarian, Arrasateko EHEren eta Argiaren elkarlanaren bidez, Argia Egun Txikia ospatu da irailaren 11n. Hausnarketarako, jokorako eta jairako aukera izan da Arrasaten. Besteak beste, herrigintzako hainbat taldek bizi duten egoera konpartitzeko baliatu dute Argia Egun Txikia.   Eguna elkarteen arteko solasaldiarekin hasi zuten. Herrigintzaz eta antolaketaz: nola daramatzagu gure etxeak? gaia zuten berbagai. Herri mugimenduari dagokionez, herri oso aktiboa da Arrasate, eta hori horrela, besteen artean, elkarte hauetako kideek hartu zuten parte solasaldian: AED, Txatxilipurdi, Arrasateko Gaztetxea, AEK, Emun, Arrasateko EHE eta Argia. Bakoitzak bere etxean gauzak zelan zeuden azaldu zuen, eta gaur egun zer-nolako erronkak dituzten ere kontatu zuten. Elkartrukatze saioa aberatsa izan zen: Elkarrengandik ikasi, hausnartu, eta hemendik aurrera elkarrekin bestelako saio edo ekitaldiak antolatzeko abiapuntua izan daiteke. Solasaldiaren ostean, Arrasate inguruan tradizioa duen Doke jokoan jolastu zuten, eta bertoko produktuekin egindako pintxo-jana izan zuten bazkaritarako. Arratsalde-iluntzean Imanol Epeldek Etxepare Rap kontzertua eskaini zuen, hip-hop-a eta euskal literaturaren historia uztartuz. Arrasateko lau gazte ere igo ziren Jai Zaleko oholtzara, bertsioak jotzera. Eguna amaitzeko, DJ Elvisek doinu dantzagarriak ekarri zituen Argia Egun Txikira. Argiako kideak Arrasatera proiektuaren berri ematera joan zirenean sortu zen elkarlanerako aukera. "Argiaren filosofia gure antzekoa da zentzu batean, herrigintzan lan egiten duten eragileekin lan egiteko gogoa konpartitzen dugu", azaldu du EHEko Mikel Makazagak.
news
argia-fe916e9ac253
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/diru-laguntzak-eta-itzulpen-zerbitzua-saltoki-handiek-euskara-erabil-dezaten.html
Diru-laguntzak eta itzulpen zerbitzua saltoki handiek euskara erabil dezaten
Onintza Irureta Azkune
2015-09-20 00:00:00
Diru-laguntzak eta itzulpen zerbitzua saltoki handiek euskara erabil dezaten Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko egindako dekretuaren azken berritasuna da. Eusko Jaurlaritzak saltoki handiei laguntza eskainiko die euskara gehiago erabil dezaten. Dekretua 2008koa da, eta ez du eragin handirik izan. Otsaileko ikerketak erakutsi zuenez, dekretuaren betetze-maila oso txikia da: %22koa. Alde handiak daude sektore batzuetatik besteetara. Batez besteko horretatik gora daude finantza erakundeak, %50eko betetze-mailarekin, merkataritza-kate handiak (%35,3) eta garraioak (%25,5). Batez bestekotik behera daude posta eta komunikazioa (%16,7), energia (%7,1), merkataritza oro har (% 6,3; merkataritza guneetan % 3 eta hipermerkatu eta supermerkatuetan % 1) eta etxebizitza (% 2,4). Beste datu bat: saltokien erdiek ez zekiten dekretua bazenik ere. Dekretuaren eraginkortasun eza frogatu baino lehen, euskalgintzako hainbat eragilek kritika egin zion Jaurlaritzari, dekretuak ez baitzuen aurreikusten dekretua ez betez gero inolako isunik edo betebeharrik. Eusko Jaurlaritzak berak, erabilera-emaitzak ikusita onartu zuen hobekuntzarako tarte handia dagoela. Horrela, hiru ildo nagusi garatuko ditu 2015 eta 2016an. Batetik, enpresa traktoreekin lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Bigarrenik, diru-laguntzetan 500.000 euro emango ditu saltoki handietako hizkuntza paisaia aldakorra euskaraz ere jartzeko eta langileak trebatzeko. Hirugarrenik, doako itzulpen zerbitzua eskainiko die on line merkataritza sektoreko enpresei, bezeroei eta hizkuntza pasaiara zuzendutako ahozko eta idatzizko informazioko testu laburrak euskaratzeko.
news
argia-bdd8d5ee4efa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/deskonexioa-eskura.html
Deskonexioa eskura
Lander Arbelaitz Mitxelena
2015-09-20 00:00:00
Deskonexioa eskura Diada egunez enegarren indar erakustaldia egin du Kataluniako mugimendu independentistak. Hauteskunde kanpainari ekin eta inkesta guztiek irailaren 27an gehiengo osoa ematen diote Junts Pel Sí eta CUPi elkarrekin. Prozesua fase erabakiorrean sartuko dute hala, eta 18 hilabeteren buruan Kataluniako errepublika aldarrikatu nahi dute. "Ez dugu Espainiako Erresuman sinesten, ez dugu parte izaten jarraitu nahi, ez gaitu ordezkatzen". ANCko presidente Jordi Sànchezek Via Lliure erraldoia borobildu du. Mundu mailan parekorik ez duen mobilizazio dinamikan sartuta daude kataluniarrak, eta ehunka milaka parte-hartzaile hunkitu ditu Meridiana etorbidea koloreztatu duen ekimenak. Egun berean hasi da bero iragartzen den hauteskunde kanpaina. Independentzia dago jokoan, eta Junts Pel Sí (JxSí) eta CUP alderdi batura izango da bozketako zenbaki izarra. JxSí apustu politiko esanguratsua da: Generalitatean agintea duen CDCk, ERCk, beste alderdi txikiago batzuek eta independenteek zerrenda bateratua aurkeztu dute. Raül Romeva da Bartzelonako zerrendaburua, bigarrena ANCko presidente ohi Carme Forcadell, hirugarrena Òmniumeko presidente ohi Muriel Casals, laugarrena Artur Mas Generalitateko presidentea eta bosgarrena Oriol Junqueras ERCko presidentea. Lluis Llach edo Josep Guardiola gisako figurak ere zerrendetan doaz, batzuk sinbolikoki, besteak lehen postuetan. Inkesta guztiek 60 eserlekutik gora ematen dizkiete. Beste alderdia CUP da. Hamarkadetan udal mailan lanean aritu ondoren,  legebiltzarren lehen legegintzaldia egin dute. Barne araudian erabakita dutenez, ordezkariek gehienez 4 urte egin ditzake karguan. Antonio Baños kazetari eta ekintzailea da Bartzelonako zerrendaburua, eta mugimendu sozialetan esperientzia duten kide ugarirekin osatu dituzte zerrendak. Gehiengoa baina, eserlekutan ala boto kopuruan lortu behar dute independentistek? Masek adierazi du erreferendumak bototan kontatzen direla, baina estatuak halakorik egiten uzten ez duenez eta hauteskundeak antolatu behar izan dituztenez, diputatuak kontatuko dituztela. Vicent Partal kazetariak ere argi ikusten du: "Hauteskundeetan emaitza legebiltzarkidetan kontatzen da, erreferendumak egiten dira emaitza bototan zenbatu nahi duzunean". Kazetariak argi du Espainiako Estatuak erreferenduma nahi balu dagoeneko berak antolatu beharko lukeela, kataluniarrak askotan saiatu baitira eta jadanik azken portuan baitaude bere ustez. Junts Pel Sí hautagaitzaren helburua ghiengo osoa lortzea izango da. Hedabideek argitaratu dituzten inkesta gehienetan independentismoak gehiengoa lortuko du, horren adibide dira asteburuan argitaratu diren biak: Batek 73-75 ematen die biei batuta, eta besteak 73. Biak ala biak gehiengoa ezartzen duen 68tik gora. Partalek Bilbon Euskal Herriko ANCk antolatutako hitzaldian nabarmendu duenez, 1985tik hauteskunde guztietan CiU eta ERCk gehiengo osoa lortu dute. Egun, CUPen hiru ordezkariekin 74 dituzte orotara. "Hau egonkorra da, gutxi mugitzen da; gehiengo osoa galtzeko posizioak galdu behar lituzke independentismoak, eta ez dirudi orain hori gertatuko denik". Galdera nagusia, beraz, ondorengoa da: JxSí-k berak bakarrik lortuko du gehiengoa? Ala CUPen beharra izango dute Legebiltzarrean? Partalen ustez hortxe ibiliko da, baina prozesuak aurrera egingo duela ez da dudarik. "Ezker independentisten beharra badute, prozesua pixka bat mantsotuko da, baina aurrera egingo du ziur". Hordagoa handira "El vot de la teva vida" edo "zure bizitzako bozka" lemapean, apustu indartsua egin dute Junts Pel Sí koalizioa osatzen duten alderdiek. Ekainean, 1978an sortutako CiU hautsi zen, Unió (UDC) alderdiak prozesu independentista ez babestea erabaki ostean. Federazioa hautsitzat eman zuten Convergènciako kideek (CDC). Hauteskundeetara bakarrik aurkeztuko da UDC eta hamarkadetan agintean egon den alderdi eskuindarrak, ordezkaritza lortzea du erronka. CiU puskatzea azken urteotako garaipen politikorik handienetakoa izan dela aipatzen dute zirkulu independentistetan. "Legebiltzarretik kanpo geratzen badira, ikaragarria izango da", diote. Behetik gorako dinamikan sartua zegoen ERCk ere apustu handia egin du, JxSí sortzeko negoziazioetan barne-tentsio handiak izan baitituzte. JxSí-ren programak lau puntu nagusi ditu: Independentzia prozesuaren hasiera; Kataluniako Konstituzioa idazten hastea Generalitateak estatu egiturak prestatu bitartean; independentzia aldarrikapena eta hauteskunde eratzaileak JxSí hautagaitzarik gabe; eta azkenik, Konstituzioa erreferendum lotesle baten bidez bozkatzea. Baiezkoak irabaziko balu, Legebiltzar berriak onartu egingo luke eta independentzia aldarrikatu. CUP prozesuaren giltza? Okina da Josep Manel Busqueta. Ekonomialaria eta idazlea ere bada, eta Venezuelako Gobernuaren aholkularitza lanetan ibilia da Hugo Chavezen agintaldian. Bartzelonako CUPeko zerrendan hirugarrena da eta legebiltzarkidea izango da ziurrenik, alderdiak egun dituen hiru ordezkariak hirukoiztu edo laukoiztu egingo dituela baitiote inkestek. Busqueta CUPeko ekitaldi batean (argazkia: Victor Serri / La Directa). Masekin pozik ez dagoen ERCko oinarritik, PSCren gainbeheratik eta Bartzelonan ikaragarrizko arrakasta izan duen Barcelona en Comú-k mobilizatzea lortu dituen herritarren babesetik indartu nahi dute proiektua. JxSi-k ez badu gehiengoa lortzen, CUPen jarrera erabakiorra izango da prozesuak aurrera egin dezan, eta baldintzak negoziatzeko posizioan egongo dira. Dagoeneko iragarri dute Masi ez diotela babesik emango, eta berau kentzea izango dela erronka."Mas ildo neoliberaleko presidenterik gogorrenetakoa" izan dela uste du eta azken urteotan gizarte beharretan egindako 5.300 milioi euroko murrizketen arduradun politiko gisa ikusten dute. "JxSik defendatzen ez duen proiektu independentista eta soziala da gurea, eta ura eta olioa nahastea zaila da". CUPek estatuarekin eta kapitalarekin apurketaz darabilten diskurtsoa indartu nahi dutela dio, horretarako konplexurik gabeko jarrera antikapitalista erakutsiz. Oso garbi du erakundeetara zertara doazen. "Garbi dugu zorra ez ordaintzearen gisako prozesuak martxan jarri beharko ditugula eta bai Europar Batasunarekin eta Eurogunearekin pultsua jokatu beharko dugula noizbait; une horretara ahalik eta indartsuen heltzeko lanean jarraitzea izango da gure egitekoa". XXI. mendeko kapitalismoari aurre egingo dion ereduaren alde egitera doazela dio, eta argi dutela aldaketa ez dela erakundeetatik etorriko. Independentzia prozesua bultzatzeaz gain, beren buruari hiru funtzio jarri dizkiote, guztiak gizarte eraldaketarekin lotuak. Batetik, erakundeetatik bestelako gizarte eredu baten aldeko lanari "eragiten zaion kaltea" geratzen saiatzea, izan pribatizazioekin edo lan eta pentsio erreformen gisako neurriekin. Bigarrenik, burujabetza maila lokaletik eraiki eta herritarrak esparruz esparru irekitzen ari diren subirautza proiektuei erakundeetatik "zirrikituak" irekitzen laguntzea. Eta hirugarrenik, gardentasunaren praktika zorrotza egitea, ustelkeria kasuak ikertuz kasu. Unionismoa ezin neurria hartu Plebiszitu hauteskundeetan ezezko gisa kontatuko dira ondorengo alderdien botoak: PP, PSC, Ciudadanos, UDC eta garbi halakorik esan ez badute ere, Catalunya Sí que es Pot (CSQEP) ere bai. PSCk barne krisi handia izan berri du prozesuarekiko mantentzen duen posizioak eraginda eta gainbeheran da. Egun dituen 20 legebiltzarkidetatik 13-14 artean ematen dizkiote inkesta gehienek. PP ere 19tik 10-11ra jaitsiko dela iragartzen dute. Xavier Albiol zerrendaburu hautatu izanarekin izaera moderatuari uko egin diola ulertu dute askok. Badalonako alkate ohia arrazismoarekin lotzen den figura da eta auzibidea irekia du etorkinen aurkako propaganda banatzeagatik. Azken hauteskundeetan zerrenda bozkatuena izatea lortu arren –Marotorekin batera, botoetan igo zen PPko alkate bakarra–, Gasteizko alkate ohiaren patu bera izan zuen eta oposizioak bat eginda kargutik kendu zuen. Ciudadanosen igoera nabarmena espero dute analistek, PPko boto moderatuari eta PSCko kide askoren babesari esker, eta 9tik 25en bueltara igoko da El Periódico k argitaratu inkestaren arabera. Rabell da CSQEP-eko hautagaia. Catalunya Sí que es Pot koalizioa osatu dute Podemos, ICV, Equo eta Esquerra Unida i Alternativak. 13-14 ordezkari inguru izango ditu asteburuko inkesten arabera, nahiz eta ez duten lortuko Ada Colau efektua errepikatzerik. Esanguratsua da Barcelona en Comú-ren oinarriek erabaki izana CSQEPri publikoki ez babesik ematea. Podemos inguruko politologoak alderdi hau Colauren figurarekin eta bere iruditeriarekin nola lotu asmatu nahian ari dira. Espainiako alderdien agintari nagusiak Kataluniako kanpainan bustiko dira, eta Pablo Iglesias bera ere hasi da Lluís Rabell zerrendaburua laguntzen. Hirigune ertain eta handietan jarriko ditu indarrak CSQEPk, orain arte PSCren gune izandakoetan. Lehen ekitaldia Rubín egin zuten eta ordutik mitin gehienetan plaza bete dute. Hala ere, analistek nabarmentzen dute alderdiaren erreferentzialtasun falta eta prozesuarekiko eskaintzarik egiteko duen gaitasun ezak asko mugatuko duela bere emaitza. Espainiako gobernuan aldaketa izango delakoan soluzio adostu bat hitz ematea, kataluniar askok irensten ez duten apoa da. Koalizioko kide den eta gobernuan egon den ICVk La Caixarekiko 12 milioi euroko zorra duela aurpegiratzen diote CUPetik, alderdi horrek bankuen aurkako egiteko zein askatasun duen galdetuz. "Katalunian esaten dugun bezala, ipurdia alokatua duena ezin da nahi duen lekuan eseri". Espainiatik joandako etorkinen seme-alabei egindako erreferentziengatik, Iglesiasen diskurtso "etnizista" ere salatu dute –asteburuan bere mitin bat moztu zuten hainbat lagunek–. Eldiario.es gunean Pablo Iglesiasen puzle kataluniarra artikuluan Arturo Puente kazetariak dioen gisan, "Podemos ez dago eroso Kataluniako eztabaida nazionalean". Zer gertatuko da Espainiako gobernuan ez badago aldaketarik? Zer posizio hartu beharko du prozesuarekiko CSQEP-ek? Airean dauden galderak dira. Azken fasean sartzeko ordua Festa de la Llibertat . Diadaren ostean, handik metro gutxira, milaka pertsona batu dira Omniumek antolatu duen jaialdian. Herrialde Katalanetan indartsu ari diren taldeak ari dira giroa jartzen, publiko gaztearen artean castellerrak egiten dituzten bitartean. Ordu txikitan amaituko da egun berezi hau borobiltzeko ospakizuna. Milaka lagun bildu ziren Omnium elkarteak antolatutako festan. "Azken urteotako sentsazio bera daukat: zoriona, animoa, poza... 2010etik kalera zein modu masibo eta baketsuan ari garen ateratzen ikustea ederra da; umeak, zaharrak, enpresariak, langileak, ikasleak, langabetuak, ultraliberalak eta ezkertiar erradikalak, denak askatasuna eta independentzia eskatzen". Jordi Ferré irribarrea ezin kenduta dabil. "Hauteskunde hauen ostean deskonexioa hasiko dugu formalki", dio. Òmnium Cultural erakundeko Kultura alorreko Batzar Nazionaleko koordintzailea da. ANCrekin batera gizarte zibila independentziaren alde antolatzen lanean ari den erakunde nagusietakoa da. Kataluniak bere kultura propioa duela eta, gauza bakarra behar duela aldarrikatzen du: aurka egingo ez dion estatu bat. "Erasoak amaitzea ikaragarrizko biziberritzea izango da. Katalanak 300 urte egin ditu estatu bat aurka duela, eta belaunaldiz belaunaldi transmititzea lortu dugu, orain borroka gaitasun hau kapitalizatu behar da". Nazioartearen aitorpena, ezinbestekoa Independentistek argi dute prozesu honetan ezinbesteko papera jokatuko duela nazioarteko komunitateak. Ez da kasualitatea Raül Romeva hautatu izana Junts Pel Sí hautagaitzako buru. Zortzi urtez eurolegebiltzarkide izana da ICV alderdiarekin eta bere aurkezpenean, nazioarteko harremanetan aditua dela azpimarratzen dute . Dagoeneko mundu mailako figura politikoak mintzatu izan dira Kataluniako estatua aitortzearen alde. Letonia eta Lituaniako kasuak argiak dira; maiatzean Danimarkako legebiltzarrak Espainiako gobernuari eskatu dio irtenbide bat negozia dezan; eta Irlandako, Uruguayko eta Paraguayko legebiltzarrek Kataluniako gobernuari ongi etorria egin diote. Irailean azken fruitua iritsi da, AEBetako hainbat kongresistak erreferenduma publikoki babestu dute. Asteburuan Masek jakitera eman du hainbat "lehen ministro eta lehen ministro orderekin" harremanak dituela eta erabakitzeko eskubidearen alde daudela. Presidenteak adierazi du Espainiako Gobernua kontaktuak betatzen saiatu dela, eta hainbatek horiek saihestu dituztela Madrilekin arazorik ez izateko. Estatu egiturak eraikitzen "Independentzia prozesuetan funtsezko faktorea izaten da estatuaren ahultasuna –dio Vicent Partal kazetariak–. Iazko azaroaren 9ko kontsultan nazioartearen aurrean argi geratu zen Madrilek Kataluniaren gaineko kontrola galdu zuela, mota guztietako mehatxuak egin baitzituzten, eta hala ere ez zuten kontsulta geratzea lortu eta garaipen politiko ikaragarria izan zen". Kataluniako Printzerria estatu independente bihurtzekotan kontutan hartu beharreko faktoreak ikertu ditu aditu talde batek Generalitatearen aginduz. Trantsizio Nazionalerako Aholku Kontseiluak (CATN katalanez) 18 informe osatu ditu, gerora, Kataluniako Trantsizio Nazionalerako Liburu Zurian laburbildurik argitaratuak. Prozesu eratzailea xehetu dute, eman beharreko pausoak aurreikusiz eta eszenario posibleen gakoak aletuz. Esparru hauek landu dituzte: ekonomia eta finantzak; estatu berriaren autoritate eta administrazio egiturak; Kataluniako Gizarte Segurantza; botere judiziala eta justizia administrazioa; segurtasuna eta defentsa; azpiegiturak (energia, ura, informazio teknologiak eta komunikazioa); baita, Kataluniak Espainiako Estatuarekin, Europar Batasunarekin eta nazioarteko eragileekin manten ditzakeen harreman posibleak ere. Prozesua adostuta dago hauteskundeak iragarri aurretik ere, Partalek dioenez. "Katalunia errepublika independente bilakatuko duen prozesua hasiko da 18 hilabetez. Konstituzioa idazten hasiko dira eta hamar hilabete izango dituzte". Gainera, organismo batek, Islandian egin zuten gisan, prozesu parte-hartzaile bat gidatuko duela dio, herritarrek Konstituzioaren idazketan parte har dezaten. Hau amaitzean, bozkatu egin behar da eta baiezkoa gailentzen bada, independentzia aldarrikatuko dugu". Espainiatik zer etor daiteke? Europar Batasunak behartuta ez bada, erreferendum adostu bat ez dute aurreikusten Katalunian. Horren aurrean, estatuaren aparatuetatik, prozesua erasoko dutela argi dute. Mas edo Generalitatea zigortzeko Konstituzio Auzitegia erreformatuko duela iragarri du PPk. "Ez du inork Kataluniako independentzia aldarrikatuko, orain Konstituzio Azuitegiak eskumenak izango ditu legea betetzen ez dutenak zigortzeko", egin zuen mehatxu Albiolek. "Amaitu dira txantxak". "Estatu inperialista, kolonial eta errepresiboa da Espainiakoa, eta prozesu demokratikoak boikotatzeagatik ezaugarritu da. Beti erakutsi izan du nazio zapalduekiko errespeturik eza eta injustizia soziala –Josep Manel Busquetak erasoak egon daitezkeela uste du–. Euskal Herrian gertatu bezala, hemen ere gerta daiteke; hala ere, ez gaitu gehiegi kezkatzen. Gu jada estatutik kanpo kokatzen gara". "Politikariei mezua bidali nahi diegu hemen bildu garen guztiok: jakin ezazue zuekin gaudela. Denok badakigu une zailak etorriko direla, eta orduan ere, zuekin egongo gara" helarazi dieten Diadatik herrialdeko klase politikoari. "Hau prozesua hasteko eskatuz egin dugun azken Diada izan da ziur", dio Òmnium elkarteko Ferrék. Bere ustez, argi dago berriz ere kalera atera beharko dutela masiboki kataluniarrek, prozesua laguntzen ari diren politikarien babesean, baina orain arteko fasea itxi egingo dela ziur du: "Orain ezin dugu kale egin".
news
argia-5fa111ee0097
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/ulises-euskaraz.html
Mugarri bat gure itzulpengintza literarioan
Gorka Bereziartua Mitxelena
2015-09-20 00:00:00
Mugarri bat gure itzulpengintza literarioan Badaukagu James Joyceren Ulises euskaraz. Irailaren 7an aurkeztu du Igela argitaletxeak XX. mendeko literaturaren gailurtzat jotzen den obraren itzulpena. Xabier Olarrak egin du eta, testuaren berezitasun eta zailtasunak kontuan izanda, euskarazko itzulpengintza literarioan mugarria izango dela dirudi.      Idazle irlandarraren obra goraipatuena euskaratzeko asmoa ez da atzo goizekoa, Olarrak berak Koldo Mitxelena Kulturunean liburua aurkezterakoan azaldu zuen moduan. Besteak beste, Gabriel Arestik lanaren parte handi bat aurreratua zeukan, baina Guardia Zibilaren kontrol batean kendu egin zioten.      Urte askoren ondoren plazaratu zen berriro itzulpen horren premia. Olarrak umorez gogoratu zituen lagunartean egindako bi afari literario. Gaia airean zebilen, egin beharra zegoen, baina itzulpena bere esku hartzeko prest zegoen inor ez mahaian, bigarren afarian Olarrak berak heldu zion arte: argitaratzeko lanen zerrendan sartu zuten, egin egingo zuten. Eta itzultzaile tolosarrak eguneroko ogia ziurtatzen duten betebeharretatik erretiroa hartu zuenean sartu zen buru-belarri nobela mardularen euskaratze lanean.      2012a zen: Olarrak hamar bat urteko tartea jarri zion bere buruari lana burutzeko; hartara, zailtasun ugari dauzkan testua eguneko 500 karaktereko erritmoan euskaratu ahal izango zuen. Gero Europar Batasunak literatur itzulpenak bultzatzeko eskaintzen duen diru-laguntza lortu zuen ordea, eta horrekin batera epe-muga bat, 2015eko ekaina. Edizio komentatua eta berezitasun batzuk Bukatu da lana eta hemen da irakurlearentzat: edizio komentatua prestatu du Igelak, Ulises aztertu duten hainbat ikerlariren ekarpenak baliatuz. Ez hori bakarrik, Ulisesen egitura hobeto ulertzeko Joycek berak Carlo Linati lagunari prestatu zion eskema ere –"Linati eskema" gisa ezaguna– gehitu diote euskarazko edizioaren amaieran, baita nobelaren 7. episodioko figura erretorikoen azterketa ere.      Edizio mardula beraz, darabilen euskaran ere berezitasunik baduena: batuan idatzita dagoen arren, nobelak bertsio originaleko 14. episodioan darabiltzan ingeles erregistro-ugariek beste iturri batzuk ere eskatzen zituzten, euskarazko testu klasikoetatik abiatu eta gaur egungo hizkeraraino –ingelesezkoak ere latinaren imitaziozko hizkeratik Dublingo auzoetako hizkeraraino egiten du–.      Protagonisten generoa desberdintzeko Olarrak hartu duen erabakiak ere eman dezake zeresana: ingelesetik itzultzean "he" eta "she" bereizi ezinaren langa gainditzeko, Ulisesen emakumezkoei buruz ari diren determinatzaileek azentu marka izango dute –adibidez, "húra"–. Ausardiaz jokatu du itzultzaileak beraz. Obrak hala eskatzen zuen.
news
argia-f02bb1139b97
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/asier-altuna.html
"Jolasteko aukera izan dut filmean, narrazio klasikoa eta surrealismoa ezkonduz"
Mikel Garcia Idiakez
2015-09-20 00:00:00
"Jolasteko aukera izan dut filmean, narrazio klasikoa eta surrealismoa ezkonduz" Aupa Etxebeste!, Txotx edota Bertsolari pelikulen egileak Amama du azken lana, urte askoan landutako gidoiaren emaitza. Gertutik ezagutzen duen baserri mundua, haren gainbehera eta hiritartutako belaunaldi gazteekiko haustura jorratu ditu Asier Altuna Izak (Bergara, 1969). Dagoeneko zigilu pertsonal bihurtu duen ukitu surrealista eta sinbolikoari tartea egin dio proiektu honetan ere. Baserri munduaren amaiera bizi dugu? Azken gizaldietan ikusi dugun baserri mundu tradizionalarena bai, nabarmen. Haustura eman da belaunaldiotan, baina mundu hori eraldatu egingo da. Bizitzeko, izateko eta pentsatzeko modu bati omenaldi txiki bat egin nahi izan diot batetik, beti izan dudalako horretarako gogoa, eta horrez gain adierazi nahi izan dut haustura egon arren (eta normala da, gauza onak eta txarrak dituelako mundu horrek), ondare eta jakituria horren transmisioa ez dela eten. Pelikulan zehazki, amamaren eta bilobaren bitartez. Mundu baten amaieratik sortuko da berri bat. Baserriaren eta hiriaren arteko talka horretan, nola aurkitu oreka, iraganean iltzatu gabe, baina hari uko egin gabe? Aurrera eginez, baina atzera ere begiratuz. Amaiak esaterako, pelikulako protagonistak, artea erabiltzen du horretarako. Haustura ez da soilik fisikoa, baserria fisikoa da, baina munduan kokatzeko modua ere aldatu da, zentroa non jartzen dugun. Tomas [Amaiaren aita] baserritar peto-petoa da, baserriak ematen dio babesa, ekonomikoa eta espirituala, familiari garrantzi handia ematen dio… Amaiak ere sentimendu horiek baditu (babes sentimendu hori, komunitatearen zentzua…) eta pentsa daiteke hainbeste urtez baserrian jorratutako balore horiek hirian mantenduko dituela, modu batera edo bestera. Transmisio kate horrek jarraipena izango duela. "Amama gure memoria da". Pertsonaia boteretsua, amama. Orain dela 80 amama Neolitikoan bizi ginela dioen Oteizaren esaldiak ezinegon handia sortu dit beti, baina modu batera edo bestera lasaitu ere egiten nau. 5.000 urte asko dira, gauza asko gertatu dira, baina aldi berean, 80 amama ez dira hainbeste; hori da nire irakurketa. Pelikulan ere, arbaso horien guztien arima sinbolizatzen du nolabait, misterio handia transmititzen du, susmoa… Pertsonaia nagusiak Tomas (Kandido Uranga) eta haren alaba Amaia (Iraia Elias) dira, mundua ikusteko bi modu. Pelikularen pisua daramate, aktoralki bakarrik ez, baita filmaren egiturari begira ere: hasiera Amaiaren ikuspuntutik dago kontatuta eta narrazio koloretsua da, estetikoki polita, sortzailea, musika askorekin… Gero, aitarekin apurtzen duen unetik, Tomasen ikuspuntura igarotzen gara eta planoak finkoagoak dira, erritmoa geldoagoa da, kasik ez dago hitzik, isiltasuna da nagusi… Gidoia idazten ari nintzela aktoreetako bi argi neuzkan: Kandido Uranga eta Klara Badiola [Isabel, Tomasen emaztea]. Kandidok daukan presentzia, bere ahotsa… Asko miresten dudan aktorea da, pertsonaia hau antzezteko ezin hobea. Iraia berriz, senak eramanda hautatu nuen. Pelikula egiten noan heinean erabakiak hartzeko libre sentitzea gustatzen zait eta antzezlan batean ikusi nuen Iraiak, pertsonaiarako fisiko egokia izateaz gain, oholtza gainean indar handia duela, pelikularako primerakoa zela. Baserriak imajinario oso bat dakarkigu gogora. Zinematografikoki ere potentea da baserria. Naturaren erdian egon ohi da baserria eta naturak berez du estetika eta dramatismo izugarria. Natura behatzen eta naturaren aldaketak islatzen saiatu gara: uztailean errodatu genuen lehenengo eta udazkenean gero, baso, baratze eta arbolen aldaketa erakusteko. Baserriak berak konta dezake asko edo ezer ez, egungo baserri ugarik ez duelako ezer kontatzen, baina filmerako hautatu genuenak bai: Errezilgo Eitzeta baserria. Teilatua ez dauka aldatuta eta testura berezia du, berdin paretek, ateek… Oholen zirrikitu horiek guztiak gai dira irudi bakar batekin dena kontatzeko; kamera ipintzen genuen lekuan ipinita, beti zeukan zer kontatua, begirada bakarrean transmititzen dizu baserri handi eta eder izandakoa, bertakoek alde egiten dutenean, jausi egingo dela, edo beste zerbait bihurtuko. Hiria gutxiago agertzen da filmean, baina hiriko hainbat planok naturaren irudiarekin egiten duten kontrastea polita da. Oteiza aipatu duzu. Zein erreferentzia izan dituzu, iruditeria hau osatzeko garaian? [Julio Medemen] Behiak pelikula izugarri gustatzen zait, baita Bixente Ameztoiren surrealismo etnografikoa, nolabait esatearren. Oteizak 80 amamen esaldia eman dit, eta Kirmen Uriberen poema batetik abiatu nuen trama, aita eta alabaren arteko inkomunikazioa oso modu poetiko eta sinplean azaltzen duelako. Irudiek iradokitzen zizkidaten bestelako ukituak ere badaude, Sarrionandiaren abesti bat… Ez modu nabarmenean, baina detaileak. Detaile txiki baten bidez dena kontatzea ederra da. Baserri mundu tradizionala aurretik ere irudikatu izan duzu, hala nola Txotx edo 40 ezetz laburretan. Beti ere, ikuspegi topiko-erromantikotik urrundu eta hankaz gora jartzeko. Pelikula honetan denetik dago. Belarretako sekuentzia ederrek esaterako haurtzarora naramate, baina dena ez da egutegietako irudi bukolikoa, eta nire imajinarioa batez ere oso surrealista izan da beti, pozik nago filmean surrealismo hori sartzea lortu dudalako. Surrealismoa, sinbolismoa… narrazio tradizionalarekin uztartu duzu, kontatzeko modu indartsuagoa delako? Niretzat zinema egitea jolasa ere bada eta libre sentitzen naiz. Pelikula txukun eta indartsua egin nahi izan dut, ikuslea harrapatzeko. Eta jolasteko espazio libreak mantendu nahi izan ditut, pantailan harrituko zaituen zerbait irudikatzen duten pelikulak direlako gehien maite ditudanak. Irudi hori gai izatea pelikula bat gogora ekartzeko, gauza handia da. Nik hori bilatzen dut, modu oso kontzientean ez bada ere. "Irudi hau sartu egin behar dut" sentitzen dut, indar bat hauteman dudalako, sarri taldea kontra badut ere, esperimentu horiek ez direlako beti ongi etorriak. Defentsibarako pelikulak egiten dira gaur egun, segurutik jotzen da eta halako irudiak planteatzea ez da erraza, baina ni eroso sentitzen naiz esperimentazio eremu horretan. Gainera, nahi dudan zinema egiteko espazio libre hori aurkitu dut eta barrutik atera zaigun pelikula egin dugu, beldur barik, intuizioz. Alde horretatik, filma muntatzea luxua izan da, ondo pasatzeko eta jolasteko aukera, narrazio klasikoa eta surrealismoa ezkonduz. "Ikusten ez dena, azpitestua, da zinemaren magia, irudiekin beste zerbait kontatzea". Hala adierazi zenidaten elkarrizketa batean Telmo Esnalek eta zuk. Sekuentzia baten atzean dagoen mezua, esplizituki kontatzen ez dena da inportantea, baina hori gehienbat gidoian finkatu behar da eta zaila da antzematea. Ni gidoia aldatzen joan naiz, dialogoak kenduz eta hitzen ordez hori bera irudi edo begirada bidez kontatzeko helburuz. Eta hori lortzen baduzu, plazer izugarria da, pelikula askoz ederragoa eta poetikoagoa geratzen da, unibertsalagoa. Istorioa ulertzeko eta jarraitzeko dialogorik behar ez duen pelikula zoragarria da. Baina hori lortzea da zailena. 2011ko elkarrizketa hartan beste zerbait ere komentatu zenidan: asko kostatuko litzaizukeela umoretsua ez den film bat egitea. A bai? Kar, kar, kar… Ba orduan zahartu egin naiz. Faseak daude, eta egia da pelikula hau hastapenetan komedia bat zela, baina une honetan gaiari modu intimoagoan, sentiberagoan heldu nahi izan diot. Oso gustura sentitu naiz istorio hau horrela kontatzen. Eta tira, gehiago ez dut esango horrelakorik, "halako ez dut egingo", ezin delako jakin, eta gauza berrietara zabalik egotea hobe delako. Oraintxe bertan behintzat jarrera hori daukat, gauza berriak egiteko gogoa, eta hurrengo pelikula oso ezberdina egitea gustatuko litzaidake. "Istorioa ulertzeko eta jarraitzeko dialogorik behar ez duen filma zoragarria da. Baina hori lortzea da zailena". Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialen lehiatuko da Amama . Iaz hori bera lortu zuen Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak filmarekin konparaketak saihestezinak izango dira? Saihestezina da dagoeneko, elkarrizketa guztietan galdetzen didate-eta. Loreak moduko aurrekaria izatea ona da, konplexurik gabe joateko Zinemaldira: guk ez daukagu konplexurik, ahalik eta zinemarik onena egiten saiatzen gara; baina beste batzuek badituzte, eta iaz ikusi genuen. Euskal film bat lehiatzen aritzea Donostiako Zinemaldiak hemengo zinemari ordaindu beharreko bidesaria ez ote zen aipatzeraino. Gero, onarpen handia izan du Loreak pelikulak, baita hemendik kanpora ere, eta bigarrena izateak bidea erraztuko digu; ziurrenik, eurak erantzun behar izan zituztenak baino galdera gutxiago erantzun beharko ditut. Bestalde, luxua da Donostian lehiatzea, ez da erraza, ez da urtero gertatuko euskal pelikula bat Sail Ofizialean izatea, eta oso pozik nago. Txintxua ekoiztetxea sortu zenuten 2008an. Proiektu pertsonalak egiteko aukera handiagoa ematen du horrek? Bertsolari dokumentala egiteko sortu genuen ekoiztetxea, prozesu guztia guk kontrolatu nahi genuelako hasieratik bukaerara eta batez ere ekoiztetxe bat atzean ez baduzu ezin duzulako pelikularik egin Euskal Herrian, fiskalitate kontuetarako, finantzazio akordioetarako, eta abar. Marian Fernandez da produkzio lanetan gehien aritzen dena eta estilo berezia ematen die pelikulei, segurtasuna ematen digu, zuzendariak urruti joaten garenean jaisten laguntzen digulako. Modu xumean aritzea da gure filosofia, txikitasun horretan produktua asko zainduz eta pelikula txukunak egin nahian, beharretara egokituak: ez oso zaratatsuak, baina gure marka eta estiloa daramatenak. Eta lagunartean eginak, gertuko lantaldearekin. Etxeko jakien antzera, su txikian eta mimoz. Zure pelikuletako asko Telmo Esnalekin batera zuzendu dituzu. Alde onak eta txarrak izango ditu bakarrik aritzeak. Alde onak, erronka baten aurrean bakarrik egotea ederra dela, hori ere bizi behar dela. Pelikula hau, gainera, oso pertsonala da niretzat, giro hori arnastu dudalako nire bizitzaren parte inportante batean, oso nire mundua delako; haurtzaroa dakarkit gogora. Eta txarrak, Telmo alboan izatea sekulakoa dela, asko ikasten duzu, barre egiten duzu, segurtasuna ematen dizu… eta pelikula partekatzea ere gauza handia da. Esnalekin batera zuzendu zenuen Aupa Etxebeste! (2005) eta mugarri izan zen euskal zineman. Asko aldatu dira eta aldatu zaizkizu gauzak ordutik? Zinema egiten jarraitzen dugu, hori da inportanteena, heldutasun maila bat hartu dugu eta Aupa Etxebeste! egin zuen lantaldeak ere heldutasuna lortu du: gaur egun hemen dauzkagun teknikariek duten lan gaitasuna izugarria da eta lagunarteko giroa arnasten da, familia giroa, eta azken emaitzan igartzen da hori, jendeak kariñoz egiten duela lan, proiektuetan dena emanez. Finantzazioan, beste fase batera pasatzeko garaia da. Aupa Etxebeste tik hamar urte igaro dira eta berdin nago, hurrengo pelikula ateratzea zenbat kostatuko zaidan jakin gabe. Proposamen oso potenteak dituen jendea dago, proiektua ezin aurrera atera, eta pena ematen dit; Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak jarrera aldatu beharko luke, Frantzian ematen dituzten erraztasunen antzera emateraino. ETB aliatu handia da, baina administrazioak ere esku hartzea falta da, ez gaitezen egon beti Espainiara begira. Eta oso diru kopuru txikiaz ari naiz, jarrera aldatzea da kontua.
news
argia-864ffe9c4580
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/federico-krutwig.html
Haiek erreferente ideologikoak, hauek koplak
Mikel Asurmendi
2015-09-20 00:00:00
Haiek erreferente ideologikoak, hauek koplak Años de peregrinación y lucha (Txalaparta) dakargu hizpidera. Eta ezinbestean, haren egile Federico Krutwig Sagredo (Getxo, 1921-1998). Azaroan urtea beteko da liburua kaleratu zela. Alta bada, artikulu honen egilearen ustez, liburuak ez du jaso merezi duen arreta. Liburua apartekoa da. Krutwig aparta eta bakarra izan zen legez. Años de peregrinación y lucha liburua 1995 urte aldean heldu zen Jose Mari Esparza eta Iñaki Egaña editoreen eskura. Federico Krutwigen beraren eskutik jaso zuten. Hogei urte argitaratu gabe izanaren arrazoiak liburuaren aitzin-solasean daude. Txalaparta koek diotenez, Krutwig "bakarra" izan zen. Federico Krutwig Sagredo ETAkoa izan zen. Denbora laburrez izan ere, baina etakide berezia alafede. Jakintza eta kultura gizona. Gaur egun, ETA fenomeno armatuaren 50 urte luzeko historia epaitzean, gatazkak eragindako biktimekiko autokritika morala egin beharra azpimarratzen dugu oroz gain. Oroimena landu beharra. Funtsezko betebeharra. Alta, komenigarria litzateke autokritika politiko zorrotza ere egitea.   Años de peregrinación y lucha lagungarriari deritzot ETA fenomeno sozio-politiko-kulturala aztertzeko, baita orobat, herri honen historia berria ongi ezagutzeko.   Vasconia liburuaren egilea Federico Krutwig bakarra da. Eta harengana hurbiltzeko komeni da Vasconia irakurtzea. Fernando Sarrailh de Ihartza goitizenez sinatua. La nueva Vasconia (Ediciones Vascas) edizioan osatua. Komenigarria da ere Años de peregrinación y lucha irakurtzea, Autobiografía atala hasteko. Egileak berariaz bereizten ditu memoria eta autobiografia generoak. ETA eta Enbata Años de peregrinación y lucha liburuan ETAren historiaz idatzi zuen. Alabaina, ongi zehazten duenez, ETAren "bere" historia idatzi zuen. Eta, gogoratu dezagun, berak ETAren azken 20 urte luzeak ez zituela ezagutu. Hona bere aburu esanguratsuetako bat: "Etakideak dira beren inguruan gertatzen ari denaz gutxien jabetzen direnak". Egin kontu! ETAko V. Asanblearen garaiaz ari da, berak biltzarrean parte hartu izan zuen. Espionitis hitza darabil. Orduko etakideen arteko espioitzaz ari da. Geroko espionitis edota konspirazioei buruz elukubratzea liburuaren irakurlearen esku uzten dut.      Krutwigek ongi ohartarazi zuenez,  Vasconia idatzi zuen garaian,  europar gizartea garapen bidean zegoen bete-betean: konputagailuen lehen "labealdia" zabaldu zen. 30 urte geroago berriz, Europa iraultza teknologiko berri batean sartzen zela azpimarratu zuen. Krutwigek ordurako marxismoa gogor kritikatua zuen, baita bide batez, ETA erakundea marxismoz inpregnatu nahi zuten oro. Hasierako ETAz ari da, eta trantsizio ondorengo Herri Batasunaz gero. Bere ustez, proletarioa ez da iraultzaren motorra engoitik. Ez dirudi berarentzat inoiz izan zenik ere, ez berak proposatu zuen iraultzaren abangoardiaren eredua izateko bederen. Hona bere maxima bat: "Kultura herri mailara jaitsi behar dela esatea,  kulturarik ez egitea esatea da". Bestalde, hala dio: "Herri Batasunako buruzagiek burua Marxengan dute ankilosatuta, eta ez dute deus konprenitzen". Zorrotz! ETAren sortzaileak, ez denak bistan da, atzerakoitzat jo zituen. Batzu-batzuk berak arbuiatzen zituen sabinianoak beste. Enbata mugimenduari buruzko bere iritziak ez du inor indiferente lagako. Enbatako kideak, hala nola, Jakes Abeberry eta Ximun Haran ez dira ongi paratuta liburuan. Marc Legasse anarkista da Ipar Euskal Herriko abertzaleen artean lagun duen bakarrenetako bat, bere hitz zorrotzetatik libre jalgitzen den bakarra. Krutwigen aburuz, Ipar Euskal Herria Frantziako menpeko lekaioek eta  piratek gidatutako herrialdea da, moralki birrindua. 1963ko Itsasuko Aberri Egunaren kontakizuna novelesco a da. Vasconia ren egiletasuna –Fernando Sarrailh de Ihartza– argitu izana leporatu zien ETAko sortzaileei. Euskal Herriak Francoren gobernamendu ministro Manuel Fraga Iribarneri "zor dio" Vasconia liburuaren sona, baita ETAren arima bihurtu izana ere. Euskal Herriak ETAren sakristiako ideologia uxatu izana zor dio Vasconia ri. Krutwigek ETA kritikatu zuen liburuaren funtsaz jabetu izana. Alvarez Enparantza Txillardegi k "ignominiatzat" jo zituen haren akusazioak eta kritikak. Gerrilaren saioa: V. Asanblea Krutwigek –bere– historiaren corrigendum moduko bat laga nahi izan zuen. Berbarako, ETA ez zen "euskal gerrilla" delakoa antolatzen lehena izan, Gatarrieta baizik. EGIko (EAJren gazte erakundea) buru Iker Gallastegi. Eli Gallastegi Gudari jeltzale independentistaren semea zen. Lapurdin jaioa, Irlandan hezia, gurasoak bizkaitarrak zituen. Krutwigek Irlandaz iritzia ematen du. IRAri ez dio abegi onik egiten, hitz onik ez du Irlandari buruz. Irlanda ez da bere eredua.      ETA V. Asanbleari buruzko  kontakizuna funtsezkoa da Krutwig ulertzeko. Hitz bitan: Utikan marxista-leninistak ! Funtsezko izen bat: Carl von Clausewitz, eta honen Von Kriege liburua. Gerraren estrategia eta taktika gurean gaizki ulertu eta aplikatu izana kritikatzen du gogorki. Clausewitz-i ongi ulertzera, militarrek zibilen ordenuak obeditu behar dituzte. Artean, Txabi Etxebarrieta ez zen hila. Ez Txabi , ez Burgosko prozesuan parte hartze berezia izan zuen haren anaia Juan Antonio ez ditu bere deboziokoak. Biltzar Ttipia izena eta izana bere egiten ditu Krutwigek, erakundearen dinamika estrategiaren menpe eramateko organoa. Izan ere, ETAren historian Cojonimetroa nagusitu baitzen jadaneko. Hots, ekintza edo ekimen taktikoa estrategiari gailendu zaio. V. Asanblean ETAn fronteen espiritu eta filosofia nagusitu ziren, alabaina, bere ustez, fronte politiko, klase-soziala eta militarraren aitzinetik eta gainetik Fronte Kulturalak izan behar du. Maiuskulaz. Ordurako, "gureak egin du" moduko bat antzematen da bere memorietan. Euskal etnia eta kultur greziarra Krutwig eta Sagredo abizenek Europako berebiziko kulturak eta jatorriak salatzen dituzte. Federicok, ez alferrik, ekonomia, gerra eta politika diziplinen gainetik "kulturan" murgiltzea hobetsi zuen. Euskaldunok gure etnia aintzat hartzea eta honen osagarria den greziar kultura lantzea. Politikak goi-mailako zereginen zerbitzura egon behar duela zioen fermuki, ez alderantziz. Krutwigek ia pertsona eta gauza orori "eraso" egiten dio. Asko dira aipatu pertsonak, bakar batzuk baino ez dira artikulu honetan aipatuak. Ez zuen idatzi soilik ETAren historiaz, EAJz ere –Ajuriagerraz buruan buru– iritzia ematen du. Gupidarik gabe kritikatzeko, bistan da. Marxismoa gogor kritikatzen duen arren, euskal ideia nazionala osatu aldera, Krutwigek anarkismoa, liberalismoa eta marxismoaren zenbait jite batu nahi ditu. Hainbat herrialde ditu hizpide. Belgika (Lovaina) eta Italia goraipatzen ditu, besteak beste. Aljeria edota Hego Ameriketako herrialdeak eta kulturak ez ditu eredutzat. Are gutxiago balizko euskal iraultzaren ereduak izateko. Azken urteotako historiaren bilakaerak arrazoia eman bide dio. Duela 25 urte, langile iraultzaileen eskuko lanari egungo ordenagailuen automatismoa gailenduko zitzaiola iragarri zuen, makinen inteligentzia eta eromenari pertsonon jakintza eta kultura nagusitu behar zaizkiola azpimarratuz. Errealitate berriak pertsona kultuak eta sortzaileak behar dituela dio. Euskal Herriko autozefaliak bi zutabetan hartu behar duela funtsa: gure kultur etnikoan eta kultur greziarrean.      Krutwig singularra izan zen. Etakidea eta euskaltzaina, besteak beste. 23 urterekin sartu zen Euskaltzaindian, Resurreccion Maria de Azkueren eskutik. Euskal Herriak eman duen jeinuetako bat. Haatik, jeinua izanagatik edo, zenbait kontuk harri eta zur utziko zaitu.
news
argia-a4daacf4b9a7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/gerrako-emakume-bakartien-liga.html
Gerrako Emakume Bakartien Liga
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-09-20 00:00:00
Gerrako Emakume Bakartien Liga Washington (AEB), 1943ko ekainaren 1a. Barbara Lauwers Podoski  Women's Army Corps AEBetako armadako emakume taldean sartu zen. Bo�ena Hauserova –hori zuen benetako izena– 1914an jaio zen Brnon, egungo Txekiar Errepublikan. Parisko Unibertsitatean ikasi zuen eta zuzenbide gradua lortu zuen. 1938an, alemaniarren okupaziotik ihesi, lehenik Afrikara eta gero AEBetara joan zen. Armadako arduradunek berehala MO (Morals Operations edo Operazio Moralak) taldeko kide izateko aukeratu zuten, hainbat hizkuntza zekizkielako: txekiera, alemana, frantsesa, ingelesa... Zegokion prestakuntza jasota, 1944. urtearen hasieran Italiara bidali zuten, etsaien lerroetan sartuta agente gisa lan egin zezan.      Soldadu alemaniarren morala hondatzea zen haren egitekoa eta horretarako, besteak beste, Gerrako Emakume Bakartien Liga (Verein Einsamer Kriegerfrauen) irudizkoa sortu zuen, soldaduen bihotzari edota hankarteari zuzenean erasoko zien arma.      Testu hau alemanez idatzi zuen eta milaka kopia zabaldu zituen alemaniarrak ibili ohi ziren tokietan:      "Fronteko soldadu maitea. Badakigu ausartenak ere nekatzen direla, eta atsedenaldia, burko leun bat, samurtasun pixka bat behar dutela.  […] Zure zain gaude: ebaki gutun honetako sinboloa eta eraman soinean edo itsatsi tabernetan, kafetegietan, tren geltokietan, garbi ikusteko moduan. VEKeko kide bat zuekin harremanetan jarriko da. Gau bakartietan dituzun ametsak eta fantasiak beteko dira. Zu nahi zaitugu, ez zure dirua. Beraz, zuregana hurbiltzen den edonori txartela erakutsi behar diozu. Kideak edonon daude, emakumeontzat aberriarekiko betebeharra baita. Baina ez da betebehar hutsa. Urte luzez gizonengandik bananduta egon gara, atzerritarrez inguratuta, eta berriro soldadu alemaniarren gaztetasuna sentitu nahi dugu gure baitan. Ez zaitez lotsatia izan. Zure emaztea, zure arreba edo zure maitalea ere gurekin daude".      Gezurrezko elkartea hain eraginkorra izan zen, aliatuek ere sinetsi baitzuten. Washington Post ek zera argitaratu zuen 1944ko urriaren 10ean: "Baimena duten Italiako fronteko soldadu alemaniarrek, papar hegalean bihotz bat jarri besterik ez dute neskalaguna topatzeko". Barbarak, orduan, txekierara eta eslovakierara itzuli zuen testua, alemaniarrekin ari ziren soldaduak biguntzeko; ondorengo hilabeteetan desertatu zuten txekoslovakiarretatik 600 inguruk esku-orria zeramaten patrikan.      Gerran eta maitasunean dena zilegi dela esaten da. Sekula existitu ez zen Gerrako Emakume Bakartien Ligak biak nahastu zituen, lehenaren mesedetan eta bigarrenaren kaltetan.
news
argia-3b75ce8fd8a2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/independentzia-utopikoa-ala-praktikoa.html
Independentzia, utopikoa ala praktikoa?
Eneko Olasagasti
2015-09-20 00:00:00
Independentzia, utopikoa ala praktikoa? Aurtengo Zinemaldian aurkeztuko diren filmen artean badira espainiar edo euskal zinearen izendapenpean aurkeztuko zaizkigunak, baina praktikoki denek dute espainiar naziotasuna. Eta hori Espainiako Kultura Ministerioak ematen du ekoizpenean egiten den inbertsioaren nazionalitatea begiratuz. Eta horretaz aparte, eta besteak beste, espainiarrago egiten dituzten diru laguntzak ere banatzen ditu. Aurten, laguntza horiek banatzeko aitzakiarekin antolatutako batzordeko partaide izan naiz. Euskal Herria ordezkatuz edo. 330 film aurkeztu ziren. Hiruko taldeetan banatuta aztertu genituen. Beraz niri 65 egokitu zitzaizkidan. Hilabete eskasean irakurri, aztertu eta puntuatuta birbidali genituen. Puntuaketa objektiboa 50 puntura iritsi zitekeen, subjektiboa beste horrenbeste. Zer esanik ez, nire eskuetatik pasa ziren Euskal Herrikoak puntuaketa altuarekin joan ziren. Baina ziren guztiak ez ziren niretik pasa. Bueltan, galbahea pasatutako 33 jaso nituen lau egunean aztertzeko. Euskal Herriko besteren bat ere tarteko. Batzordea bildu eta 23k jaso zuten laguntza. 6 euskal zinea deitzen zaion sailekoak. Portzentaje altua hala ere prozesua den bezalakoa izateko. Egun horretan ere jakin nituen euskal zuzendari eta ekoiztetxe esanguratsuen egitasmo batzuk, nire ordenatatik pasa gabeak, bidean geratu zirela. Baina dagoeneko ezin nuen ezertxo ere egin. Zaila da lerro gutxi batzuetan prozedura laburbiltzea baina hitzen bat aukeratzekotan "loteria" aukeratuko nuke. Zer ikusia du horrek artikuluaren goiburuarekin? Sinplea. Euskal zineak Espainiarekiko duen menpekotasunaren beste adierazle bat besterik ez. Zeren, gogoratuko dut berriro, finantziazioak ematen baitio naziotasuna filmari. Eta pelikula asko ez lirateke egingo Madriletik datorren dirurik gabe, dela Ministerioa dela telebistaren bat. Eta ia beti zozketa batean parte hartzen ari garela sentituz. Eta zer egin dezakegu hori aldatzeko? Independenteak izateari itxaron, utopiaren menpeko, gure naziotasuna aldarrikatuko duen sistema propioa sortzeko. Ala, praktikoak izanik gure sistema propioa sortzen joan. Aukeran nik ez dut dudarik. Garbi dago zine mota batek beti beharko dituela koprodukzioak, bai Espainiarekin bai beste herriren batekin. Baina badira ere behar hori izango ez duten ekoizpenak. Eta neurtzeko herri honek duen ahalmena, batzuk edo besteak ekoizteko, lege bat behar da, ikus-entzunezkoak gure herrian arautuko dituen lege bat. Eta erakunde bat ere, Euskal Industria Kulturalen Erakundea, EIKE, araua betearazteko. Edo ipini nahi duzuen akronimoa, baina erakunde bat erabakitzeko Zinemaldian aurkezten diren filmek Euskal abizena eraman dezaketen edo ez. Beste nazioetan bezala, ze kristo! Zeren zain daude, bada, batzuk eta besteak?
news
argia-09e2b185e1ef
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/xabier-mina.html
"Kanpoko superportuak Jaizkibel eremu naturalaren heriotza ekarriko zuen"
Reyes Ilintxeta
2015-09-20 00:00:00
"Kanpoko superportuak Jaizkibel eremu naturalaren heriotza ekarriko zuen" Lanbidea eta zaletasuna batu ditu Xabier Mina iruindarrak. Itsaspean hartutako argazki eta bideo ikusgarriak bere klaseetan erabili eta Interneten zabaltzen ditu bioaniztasuna.com webgunearen bidez. Lehorreko itsasgizona, nolatan? Iruindarrok askotan joaten gara Zarautza, Donostiara… eta ni txikia nintzenean maiz joaten nintzen familiarekin. Zarautzen, bereziki, hasi nintzen arroketan izkira eta karramarroen atzetik. Mutrikuko Santa Elena kanpinera ere askotan joaten ginen eta horrela sortu zitzaidan zaletasuna. Gaztetxotan, Menorcan hasi nintzen aitarekin urpean ibiltzen eta orduan erabaki nuen Itsas Zientziak ikastea. Kanaria Handira joan eta han izan nintzen bost urtez ikasten eta ur azpian igeri egiten. Oso toki ederrak daude Kanaria irletan, baina ikasle garaian oso diru gutxi nuenez oso gutxitan joan nintzen toki haietara oxigeno botilekin. Gerora bai, askotan itzuli naiz leku ikusgarri horietara. Bereziki El Hierro da oso toki ederra urpean ibiltzeko. Afrikatik gertu dago eta hor bertan bada azaleratze bat. Alisio haizeek azaleko ura Atlantikoaren barnealdera eramaten dute eta ur gabezia berdintzeko itsas hondoko ura igotzen da elikagai eta oxigeno ugarirekin. Ondorioz, toki horietan biomasa handia izaten da. Normalean espezie gutxi batzuetako arrain asko aurkitzen dira halakoetan. Gainera, kutsu tropikala duenez, berez tropikokoak diren hainbat espezie ere aurki daitezke Kanaria uharteetan. Oro har, gizakiak gehiago daki espazioari buruz itsas hondoei buruz baino. Ikerketa asko egiten da kostaldetik gertu, baina itsas sakonean sartzea teknologikoki oso zaila da. Handik itzuli eta ikerketa lanetan murgildu zinen? Beka batekin hasi nintzen AZTI zentro teknologikoaren Sukarrietako egoitzan, itsasoaren eta elikagaien ikerketak egiten. Bizpahiru urtez aritu nintzen atun tropikalen ikerketan. Gehiena bulegoko lana izan zen, baina atunontzi batean bi hilabetez Boli Kostan egoteko aukera ere izan nuen. FAD harrapaketa sistemak atun arrantzan zer-nolako ondorioak zituen ikertzera joan nintzen. Zer da hori? Plataforma handi bat itsasora botatzen da haren azpira arrainak bil daitezen. Kopuru handia biltzen denean, sarea botatzen da eta hor dauden ale guztiak harrapatuta gelditzen dira. Espezie desberdinetako animaliak harrapatzen dira, helduak eta txikiegiak ere bai, eta ondorioz, epe luzera oso kaltegarria da. Gainerako denboran Sukarrietan, Txatxarramendi irlako zentroan, txostenak egiten aritu nintzen. Behatzaileen datuak bildu eta Espainiako Ozeanografia Institutuarekin elkarlanean aritzen ginen. Gero, informazio hori baliatzen zen, adibidez, arrantza kuotak ezartzeko. Atungorria desagertzear dago? Atungorria oso garesti ordaintzen da eta harrapatzea beti da errentagarria. Japonian oso prezio altuetan erosten dute beti. Horregatik ez da gertatzen beste arrain mota batzuekin bezala, hau da, jada ez dela errentagarria gehiago harrapatzea merkatua beteta dagoelako. Horrela jarraituz gero, atungorriak oso etorkizun beltza izango du. Sukarrietatik Blanesera joan zinen tesia egitera. Zein zen zure gaia? CSIC ikerketa aurreratuen zentroan, Blanesen, bekadun gisa aritu nintzen tesia egiten. Aldaketa klimatikoaren eragina kostako arrain espezietan zen gaia. Arrainen pilaketa eta itsasgainaren tenperaturaren arteko harremana aztertu nuen zehazki. Eta zer ondoriotara iritsi zinen? Argi ikusi nuen klima aldaketaren inguruan iritzi oso desberdinak daudela. Batzuk oso kritiko dira, eta diote muntaia dela eta kontu hori aitzakia gisa hartzen dutela hainbat erabaki hartzeko. Ideiaren lehen bultzatzailea Margaret Thatcher izan zen, diotenez berari interesatzen zitzaiolako energia nuklearra bultzatzea, ohiko erregaien ordez. Beste zenbait ikerlarik dio prozesu naturala dela eta gu azkartzen baino ez garela ari. Oso zaila da hori jakitea. Tesia ez nuen bukatu, baina ikerketa aurreratuen titulua eskuratu nuen. Ez nintzen oso eroso sentitzen giro hartan, ikerketa lana askotan diru-laguntzekin oso lotuta dagoelako, eta gainera, nik gizartearekiko harreman zuzenik ez nuela sumatzen nuen. Beraz, Mutrikuko Akuikultura Eskola sortu berrian sartzeko aukera izan nuenean, ez nuen batere zalantzarik izan. Irakaskuntzan gustura? Oso. Bost urte egin nituen han. Goi-mailako zikloa zen, adin guztietako ikasleekin. Oso ongi egon nintzen. Jendeak berebiziko gogoa zuen. Harreman handia genuen arrantzaleekin, laginak hartzera joaten ginen, uretan sartzen ginen… bikain. Orduan, oposaketak gainditu nituen hemen Nafarroan, eta Beran eta Atarrabian ibili ondoren, Barañaingo Institutura heldu nintzen orain dela lau urte. Ni erosoago sentitzen naiz irakasle bulegoan ikerketak egiten baino, jakinda gainera ikerketa horietako askok enpresari batzuk aberasteko balioko dutela. Nire lana oso hurbila da eta jende gaztearekin lan egitea oso gustuko dut. Zer da bioaniztasuna.com? Webgune honen helburu nagusia Lurra planetako itsaso eta ozeanoen bioaniztasuna ezagutzera ematea da. Haren bidez nire zaletasuna eta irakaskuntza lotzen saiatzen ari naiz. Urte asko daramatzat argazkiak eta bideoak egiten, baina dena armairuan gelditzen zen. Material horri irtenbidea emateko bideo laburrak eta aktibitate didaktikoak prestatzen hasi nintzen, hasieran ikasleekin partekatzeko eta orain Internet bidez, jende guztiarekin. Nire asmoa Bizkaiko golkoko uretan dugun ondare naturala jendeari ezagutzera ematea da, denon artean balioetsi eta defenda dezagun. Adibidez, Kantauri itsasoko arrain, molusku eta krustazeoen izenak agertzen dira euskaraz, gaztelaniaz eta latinez, eta haiez gain argazkiak, bideoak eta DBHn eta Batxilergoan erabil daitezkeen bestelako materialak. Itsas dortokei buruzko hamazazpi minutuko bideo dokumentala ikus daiteke adibidez, Cabo Verden grabatua. Oso material gutxi dago euskaraz. Askotan arazoak ditugu kalitatezko materialak eskuratzeko. Udan non ibili zara? Azoreetan eta Alpeetan, bizikletaz fosilak hartzen. Urtero joaten naiz fosilen bila ikasleekin eta bikain pasatzen dute. Sarrigurenen bertan, Iruñerrian, marrazoen hortzak aurkitu izan ditut. Laster geologiarekin lotutako jarduerak ere jarriko ditut bioaniztasuna.com-en. Zeintzuk dira toki onenak Euskal Herrian urpean igeri egiteko? Asko daude: Elantxobe, Mutriku, Hondarribia… toki bakoitzak badu berea. Ibaietan ibiltzea ere ikaragarria da. Pirinioetan metro erdiko amuarrainekin igerian ibili naiz eta Endarlatsan lanproiak habia egiten ikusi ditut. Abankandoak eta otarrainak oso gutxi ikusten dira orain, eta hemengo marrazoa, momar familiakoa, kostatik oso gertu badago ere, oraindik ez dut lortu grabatzea. Eta toki onenak eta txarrenak munduan zehar? Orokorrean, jenderik izan ez dutenak, eta askotan militarrek hartutako esparruak dira. Badira zenbait irla eta leku bere garaian militarrek itxi zituztenak, eta horri esker, bikain mantendu dira. Agian hori da militarrek egin duten gauza on gutxietariko bat. Dena den, itsasoan aurkitzen duzuna ez da inguruko lurraldeek egiten duten kudeaketaren ondorio soilik. Korronteak daude eta oso ohikoa da beste lurralde baten zaborrak kudeaketa egokia egiten duenaren eremura iristea. Arrainak ere mugitzen dira eta horregatik arrantza kudeatzea oso zaila da, ados jarri behar baitira lurralde asko. Toki ederrak, adibidez, Itsaso Gorria eta Azoreak. Ni askotan joaten naiz. Iaz Indonesia aldean, Papuan, lau hilabetez izan nintzen. Orain dela gutxi arte han zeukaten zabor gehien-gehiena organikoa zen, orain aldiz plastiko pila eta denetik dute, baina zaborrak kudeatzeko plangintzarik ez. Itsas dortokekin igeri egiten hasten zara eta bat-batean ikusten duzu nola irensten duten plastikoa edo fardela. Hango biztanleek, haurrek bereziki, gurditxoetan eramaten dute zaborra itsas ertzeraino eta hondakinak itsasora botatzen dituzte. Duela zortzi urte izan nintzen han lehen aldiz, eta orduan soilik txalupatxo tradizionalak zeuzkaten, egurrezkoak. Orain zuntzezko ontzi motordunak dauzkate, bertako faunaren kalterako. Dortokak goitik behera erabat irekita ikusi nituen, adibidez. Zer iruditzen zaizu hemen itsasoaz egiten den kudeaketa? Oso zaila da kudeaketa egokia egitea. Interes asko eta oso desberdinak daude, eta beti interes ekonomikoak tarteko. Euskal Herrian badauzkagu oso ongi dauden hainbat leku, ez kudeaketa ona egin dugulako, baizik eta geografiaren aldetik oso zaila izan delako etxez betetzea. Gironan, esate baterako, Lloret de Mar-etik behera dagoena negargarria da, eremua oso laua delako eta han apartamentuak egiteko aukera paregabea izan dutelako. Iparraldera Creus lurmuturra dute, granitozkoa, eta oso zaila izan denez eraikitzea, primeran mantendu da. Hemen badira leku ikaragarri ederrak, Zumaia inguruko Algorriko kostaldea, Sakoneta, Deba eta Mutriku artekoa, Elantxobe, Hondarribia… Jaizkibel ingurua aparta da. Hiri handiek, Donostia eta Irun aldamenean izanda ere, ez diote kalterik egiten, eta arraste-ontziek debekatuta dute arrantza egitea. Jaizkibelen arazoa kanpoko superportua egiteko proiektua zen. Orain krisia dela eta geldirik dago, baina auskalo etorkizunean zer egingo duten. Kanpoko superportuak Jaizkibel eremu naturalaren heriotza ekarriko zuen. Altxorrak dauzkagu hemen eta baloratu eta defendatu behar ditugu gure ondare naturala direlako. Apnean edo oxigeno bonbonekin ibiltzen zara ur azpian? Gehienetan apnean. Batzuetan kamera ez dut eramaten, itsasoaz nire kabuz gozatzeko. Apnean igeri egitean, kirol pixka bat egiten duzunez, oso ongi sentitzen zara, baina botilekin joateak aukera gehiago ematen dizu jaisteko, eta adibidez, ikusteko nola olagarro bat zurekin jolasean hasi den. Joan den mendearen hasieran Aniceto Petit zinegotzirako hautagaiak proiektu bat proposatu zuen: itsasoa Iruñera ekartzea. Zer iruditzen zaizu? Ongi legoke! Non jarriko genuke? Hemen itsasorik balego munduko hiririk onena izango litzateke, beno, klima pixka bat hobetuko bagenu. Dena dela, aldatu egingo zen: etxebizitzak egiten hasiko lirateke toki guztietan, eta akabo!
news
argia-836849c97c34
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/jotzeko-irrikan.html
Jotzeko irrikan
Montserrat Auzmendi del Solar
2015-09-20 00:00:00
Jotzeko irrikan EOSen 2015-2016 abonu denboraldia Irailaren 24tik aurrera Jun Märkl zuzendari titularraren hitzak hauexek dira, Euskadiko Orkestraren denboraldi berria laburbiltzeko: "Asko dugu eskaintzeko: musika oso interesgarria eta sasoian dagoen orkestra. Zuentzat jotzeko irrikan gaude". Eta egia da; errepaso bat ematen badiogu abonu-programazioari, ikusten dugu behar diren osagaiak badaudela taxuzko egitarauak eraikitzeko, alde batetik. Eta bestetik, fedea ematen dut orkestrak momentu ona bizi duela, kontuan hartzen baditugu azkeneko saioak orain dela gutxi ospatutako Musika Hamabostaldian: bai Toscan, bai Usandizagaren Mendi-mendiyan operan, orkestraren aktuazio sendoa faktore garrantzitsua izan zen emanaldien arrakastan. Programazioan sartuz, sinfonismo handiak leku garrantzitsu eta bariatua izango du denboraldi honetan: Bruckner-en pare bat entzuteko aukera izango dugu, laugarrena eta zazpigarrena; Txaikovskiren Patetika ederra; Beethovenen bosgarren famatua, Patuarena. Eta Mahler, Brahms eta Prokofieven sinfoniak ere disfrutatuko ditugu. Bestalde, orkestra eta bakarlarientzako kontzertu interesgarriak aurkitzen ditugu: Beethovenen laugarrena, pianorako, Tamar Beraia pianista georgiar gaztearen eskutik; Ravelen sol maiorreko kontzertu ederra, Ingrid Fliter piano jole argentinarra bakarlaria izanik; Alban Bergen biolinerako kontzertua, Viviane Hagner biolinista alemaniarrarekin, edo Xostakovitxen biolontxelorako bigarren kontzertua, besteak beste. Ahots ederrek protagonismoa izango dute saio batzuetan. Markus Nieminen baritonoa eta Majukka Tepponen sopranoa, biak finlandiarrak, bakarlari aproposak izango dira Sibeliusen Kullervo suitea interpretatzeko, orkestraren lehenengo saioan; Raquel Lojendio sopranoa, Clara Mouriz mezzoa eta Zoe Nicolaidou sopranoa ere entzungo ditugu denboraldian zehar. Balletarekin galdu ezin den zita prestatu dute. Otsailean Ederra eta piztia dantza ikuskizuna izango dugu gure artean, Malandain Ballet Biarritz taldea protagonista izanik, Txaikokvskiren musikarekin. Gaur egun konposatzen den musika gutxi izango dugu, hori egia da. Baina apustu interesgarriak egingo ditu orkestrak: Pascal Gaigneren Hypnos variation obra entzuteko aukera izango dugu, eta harro sentitzen naiz esaten Iñaki Estradaren lan bat estreinatuko dela …laino argidun artean… izenekoa. Harrotasuna nondik? Estrada nire ikaslea izan zelako Hernaniko Kontserbatorioan, orain dela urte asko. Uste dut musikaren birusa nolabait inokulatu niola, eta pozik nago orain bere talentua garatu duela ikusita. Ikusten dugun bezala, programazio gustagarri eta interesgarria eskaintzen da aurtengo denboraldian. Baina inportanteena publikoa poltsikoan sartzeko azaltzen duten gogo hori da. Irailaren 24an izango da lehenengo saioa, Gasteizen; 25ean Iruñean; 28 eta 29an Donostian; eta 30ean Bilbon. Ez galdu. n   Montserrat AuzmendiJun Märkl zuzendari titularraren hitzak hauexek dira, Euskadiko Orkestraren denboraldi berria laburbiltzeko: "Asko dugu eskaintzeko: musika oso interesgarria eta sasoian dagoen orkestra. Zuentzat jotzeko irrikan gaude". Eta egia da; errepaso bat ematen badiogu abonu-programazioari, ikusten dugu behar diren osagaiak badaudela taxuzko egitarauak eraikitzeko, alde batetik. Eta bestetik, fedea ematen dut orkestrak momentu ona bizi duela, kontuan hartzen baditugu azkeneko saioak orain dela gutxi ospatutako Musika Hamabostaldian: bai Toscan, bai Usandizagaren Mendi-mendiyan operan, orkestraren aktuazio sendoa faktore garrantzitsua izan zen emanaldien arrakastan. Jun Märkl zuzendari titularraren hitzak hauexek dira, Euskadiko Orkestraren denboraldi berria laburbiltzeko: "Asko dugu eskaintzeko: musika oso interesgarria eta sasoian dagoen orkestra. Zuentzat jotzeko irrikan gaude". Eta egia da; errepaso bat ematen badiogu abonu-programazioari, ikusten dugu behar diren osagaiak badaudela taxuzko egitarauak eraikitzeko, alde batetik. Eta bestetik, fedea ematen dut orkestrak momentu ona bizi duela, kontuan hartzen baditugu azkeneko saioak orain dela gutxi ospatutako Musika Hamabostaldian: bai Tosca n, bai Usandizagaren Mendi-mendiyan operan, orkestraren aktuazio sendoa faktore garrantzitsua izan zen emanaldien arrakastan.   Programazioan sartuz, sinfonismo handiak leku garrantzitsu eta bariatua izango du denboraldi honetan: Bruckner-en pare bat entzuteko aukera izango dugu, laugarrena eta zazpigarrena; Txaikovskiren Patetika ederra; Beethovenen bosgarren famatua, Patuarena . Eta Mahler, Brahms eta Prokofieven sinfoniak ere disfrutatuko ditugu. Bestalde, orkestra eta bakarlarientzako kontzertu interesgarriak aurkitzen ditugu: Beethovenen laugarrena, pianorako, Tamar Beraia pianista georgiar gaztearen eskutik; Ravelen sol maiorreko kontzertu ederra, Ingrid Fliter piano jole argentinarra bakarlaria izanik; Alban Bergen biolinerako kontzertua, Viviane Hagner biolinista alemaniarrarekin, edo Xostakovitxen biolontxelorako bigarren kontzertua, besteak beste.   Ahots ederrek protagonismoa izango dute saio batzuetan. Markus Nieminen baritonoa eta Majukka Tepponen sopranoa, biak finlandiarrak, bakarlari aproposak izango dira Sibeliusen Kullervo suitea interpretatzeko, orkestraren lehenengo saioan; Raquel Lojendio sopranoa, Clara Mouriz mezzoa eta Zoe Nicolaidou sopranoa ere entzungo ditugu denboraldian zehar.   Balletarekin galdu ezin den zita prestatu dute. Otsailean Ederra eta piztia dantza ikuskizuna izango dugu gure artean, Malandain Ballet Biarritz taldea protagonista izanik, Txaikokvskiren musikarekin.   Gaur egun konposatzen den musika gutxi izango dugu, hori egia da. Baina apustu interesgarriak egingo ditu orkestrak: Pascal Gaigneren Hypnos variation obra entzuteko aukera izango dugu, eta harro sentitzen naiz esaten Iñaki Estradaren lan bat estreinatuko dela … laino argidun artean … izenekoa. Harrotasuna nondik? Estrada nire ikaslea izan zelako Hernaniko Kontserbatorioan, orain dela urte asko. Uste dut musikaren birusa nolabait inokulatu niola, eta pozik nago orain bere talentua garatu duela ikusita.   Ikusten dugun bezala, programazio gustagarri eta interesgarria eskaintzen da aurtengo denboraldian. Baina inportanteena publikoa poltsikoan sartzeko azaltzen duten gogo hori da. Irailaren 24an izango da lehenengo saioa, Gasteizen; 25ean Iruñean; 28 eta 29an Donostian; eta 30ean Bilbon. Ez galdu.
news
argia-b964c080130a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/zaborren-gerra-berriz-italian-30-birziklatze-planta-kiskali-dituzte.html
Zaborren gerra berriz Italian: 30 birziklatze planta kiskali dituzte
Pello Zubiria Kamino
2015-09-20 00:00:00
Zaborren gerra berriz Italian: 30 birziklatze planta kiskali dituzte Italia osoa Zero Zabor lurralde bilakatzeko kanpaina, hilabeteotan erakunde askok bultzatzen zutena, arriskuan jarri dute bi eraso bortitzek. Batetik, 30 birziklatze planta sutu dituzte, askoren ustez mafiako taldeek. Eta bestetik, Matteo Renzi lehen ministroak bultzada berria eman die errauste plantei Italia desblokeatzeko aitzakian. Banan bana erretzen ari dira  birziklatze planta guztiak", idatzi du  Jacopo Giliberto kazetari gazteak Corrente blogean irailaren 1ean. "Abuztuaren 30eko goizalban Veronako Villa Bartolemean suteak kiskali du Fertitaliaren konpost planta. Hilabeteotan erre duten hogeita hamargarren birziklatze edo konpostatze planta da. Behin gertatu balitz, istripua izan dela esan ahalko zen. Baina hogeita hamargarrena eta igande gauez, birziklatzearen kontrako atentatua izan dela esan dezakegu". Lehenbiziko suteak martxoan hasirik, Milanon maiatzaren lehenean gertatuari zenbaitek usain txarrak hartu zion. Monzako Albairaten –Europan gaikako bilketa eta  hirietako organikoaren konpostatzean aitzindaria da Monza– Expo Milano Erakusketa Unibertsalak sortutako txerri-janak tratatu behar zituen planta suntsitu zuten garrek. Ekainaren 5ean Padua inguruan dagoen Sese konpostatze planta, Italiako handienetakoa, erre zuten. Beste bat Parman, gero Erroman, Perugian... 30 osatu arte. Zerrendan badira konpostatze plantez gain TMB plantak, biltegiak eta abar. Sabotajeak direla susmatuta, abuztuan jo zuen alarma Beppe Grillo 5 Izar Mugimenduaren liderrak bere blogean: "#laguerradeirifiuti: in pochi mesi a fuoco 26 impianti di riciclo, compostaggio, trattamento meccanico" . Suteok azkar eta sakon ikertu daitezen eskatu du Grillok: "Derrigorrezkoa da. Bereziki gobernuak Sblocca Italia dekretuarekin onartu ostean 12 errauste planta berri baimentzea, konpostatzearen eta birziklatzearen kaltetan. Aspalditik Italian zabortegien eta errauskailuen lobbyak eta ekomafiak gerra oso zikin bat darabilte hondakinekin, klase guztietako erasoz. Hondakinak, kontsumitu ostean konpostatu edo birziklatzeko moduko materialak, dira, baina interes zikinak direla medio erre edo lurperatzeko bidea hartzen dute, gizakien osasuna eta ekonomia justuago bat kaltetuz". Are salaketa gogorragoa egin du erakunde publiko batetik Walter Ganapinik, Umbria eskualdeko Ingurumen Agentziaren zuzendari orokorra baita. Italiako Gobernuari bidali eta Legambiente elkarteak plazaratutako gutunean sute ugariok kasualitatea ez direla esateaz gain, suntsiketa horiek ulertzeko hiru klabe aurreratu ditu Ganapinik. Batetik, norbaitek ez ditu galtzen utzi nahi errauskailuak eraikitzen egindako inbertsioak eta berriak eraikitzeko pentsatuta dauzkatenak, nahiz eta Europatik esaten ari ziren etorkizuna ez zihoala hortik. Bi, "mafiek ez dituzte galtzen utzi nahi Mazedonian, Kosovon, Errumanian eta abar zabortegietan eginak dauzkaten inbertsioak, zeinak elikatzen baitituzte zaborrak itsasoz garraiatzeko bitartekariak ere". Eta hiru, hondakinen kudeaketan –lurreko zabortegietan bezala errausketan– nagusi izan diren taldeen arteko barne liskarrak. Hori lortzeko, su piztaileek orain dela urte batzuk Napolin eta Campania osoan zaborrengatik egon zen larrialdi egoeraren antzekoa antolatu nahiko lukete, Ganapiniren aburuz: "Emergentzia justifikatu nahi dute: hiru interes taldeok ase eta Europar Batasuna despistatzeko, beharrezkoa dute errauskailuaren eta zabortegien alternatiba diren plantak suntsitzea".           Renzi errausketa sustatzen Antonio di Cianciullok idatzi du Eco-Logica blogean: "Gaikako bilketa ondo funtzionatzen ari da. Zenbakiek erakusten dute: %65eko bereizketaren araua 10 milioi italiarrek errespetatzen dute, eta kopurua handituz doa. Baina bistakoa da norbait ez dagoela gustura". Sabotajeak lehen ere ezagutu dira Italiako hondakinen aferetan. Batik bat hango hegoaldean, Campanian, 1994tik 2009a artean zaborrengatiko larrialdi egoera ezagutu dute han eta udalerri askok azken irtenbidetzat atez ateko bilketa, konpostatzea eta birziklatze orokorra ezartzen hasi zirenetik. Nabarmena da, ordea, oraingo erasoak gertatzea preseski Matteo Renzi lehen ministroak hondakinen kudeaketan atzerapausoa dekretatzearekin batera. Beren negozioa hondakinetan zuten indarrei berriro hortzak luzatu balitzaizkie bezala. Eta egia da Renzik Italia desblokeatzeko estakuruz atera duen legearekin ( Sblocca Italia ) aukera berriak eskaini dizkiela hondakinen negozio zaharrei, Zero Zabor eta ekonomia zirkularraren aldeko dinamikak ahultze bidean jarriz. Dekretu berriarekin Renzi zentro-ezkerrekoak 12 errauskailu berri baimentzeko bidea ireki du; aurretik 42 gehiago ari ziren lanean eta 6 gehiago zeuden onartuak. Gasa eta petrolioa ustiatu edo garraiatzekoak bezala, errauste plantak "estrategiko eta nazioaren intereseko azpiegitura" izendatu ditu Renzik. 2014. urtean Italian sei milioi tona zabor kiskali zituzten, eta lehendik baimendutako seietan 730.000 gehiago erre ahalko dira. Hala ere gobernuak nahi du bi milioi gehiago erre dezaten. Horretarako errauskailu berriak Italia osoan barrena eraikitzea nahi du, baita dagoenekoz horiek elikatzeko aski zabor sortzen ez duten eskualdeetan ere, baimenduz kanpoko zaborrak ere erraustea. Salvatore de Rosak " Sblocca Italia: Extractivism made in Italy " artikuluan azaldu du testuingurua. Herritarren botoz onartu gabe hirugarren lehen ministroa den Renzik dekretuarekin bete ditu Europako Troikak emandako agindu zorrotzak. Bere zor erraldoiaren zamapean porrot egiteko zorian zegoen Italiak, salbatu nahi bazuen, pribatizazio eta liberalizazio plan zorrotza ezarri behar izan du. Pakete berean doaz gastu sozialen murrizketa, langile publikoen urritzea, arriskuen prebentzioa apaltzea, eta abar. Azpiegitura erraldoien eraikuntza ere berriro lehentasunen agendan sartu du Renzik, izan Abiadura Handiko Tren, aireportu edo autopista. " Sblocca Italia ren oinarrian –dio De Rosak– filosofia hau dago: kapital pribatuari eskuak libre utzi behar zaizkio bere proiektuetan, horretarako deseginez orain arteko baimen, galdeketa eta epe mugak. Berdin dio muga horiek Konstituzioan bertan ere agertzen baldin badira herritarren bizimoduari eragiten dioten gaietan". Horra Italia II. Mundu Gerraz geroztik nozitzen ari den krisi ekonomiko larrienetik ateratzeko formula. Renziren asmoen kontra, erakunde eta elkarte askoz gain, Italiako udalerrien elkartea ere mintzatu da. Beren lurretan ezarri nahi diren proiektu berriez lehen baino are kontrol gutxiago edukiko baitute.  Mugimendu sozialak ere ari dira mobilizazioak berotzen asteotan. " Blocca lo Sblocca-Italia " aldarrikatuz, Urrian Erromako legebiltzarra okupatzekotan dira.
news
argia-4af01d192b1a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/bere-burua-istant-batean-osatzeko-gai-den-materiala.html
Bere burua istant batean osatzeko gai den materiala
Joxerra Aizpurua
2015-09-20 00:00:00
Bere burua istant batean osatzeko gai den materiala Michiganeko Unibertsitateko (AEB) eta NASAko ikerlariek sateliteetan eta abioietan agertzen diren zuloak estaltzeko gai den materiala sortu dute.      Material berria erretxina tankerakoa da, eta sandwich bat bezala kokatzen da, hau da, bi geruzaren artean. Horrela, geruzetan edozein arrazoirengatik sortutako zuloak ia berehala estaltzen ditu.      Ez da bere burua osatzen duen material bat asmatzen den lehen aldia. Desberdintasuna denboran datza: segundo gutxi batzuk nahikoa dira zuloa betetzeko.
news
argia-95c6db60cb38
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2475/arrastoak.html
Arrauna esklaboen lana al zen antzinako Erroman?
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-09-20 00:00:00
Arrauna esklaboen lana al zen antzinako Erroman? K.a. 40. urte inguruan Oktaviok –gerora Zesar Augusto enperadorea izango zenak– Sexto Ponpeio zuen etsai nagusia, eta hura itsasoan menderatzeko itsasontzi azkarragoak behar zituen; ohiko eskifaiez gain, esklaboak hartu behar izan zituen arraunean egiteko. Baina hori salbuespena zen antzinako Erroman. Gehienetan tropa osagarrietako kideek jarduten zuten arraunean. Libreak izan arren, ez ziren Erromako hiritarrak eta hiritartasuna lortzeko 26 urteko zerbitzu gogorra eman behar zuten. Hala ere, ez ziren esklaboak.      1959ko Ben-Hur filman, Juda Ben-Hur protagonista Kinto Arrio kontsularen galeretan esklabo gisa arraunean ikusten da, jipoituta eta akituta, esklabotzara eraman duen Messala lagun ohiaren aurkako mendekuarekin ametsetan. Eszena ezagun hori nahikoa izan zen historikoki okerra den ustea zabaltzeko eta egiatzat jotzeko.
news
argia-d1a2b9a5fc13
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/eguneroko-ogia.html
Eguneroko ogia
Oihana Etxebarrieta
2016-05-22 00:00:00
Eguneroko ogia Goizero aurreko eguneko ogia kafesnean bustita gosaltzen du. Ogi hori jaterakoan beragan pentsatzea ekidinezina da. Irribarretxo bat ateratzen zaio egunero datorkion gizona gogoratzen duenean. Poliki-poliki bainua hartzera doa, patxadaz garbitzen da, ez dauka presarik. Amaitutakoan, etxean ibiltzeko arropa jantzi, bata bat gainetik bota eta leihora hurbiltzen da. Bertan daukan butakan eseri eta itsasoa begiratzeari ekin dio, bera etorri arte denboratxo bat geratzen zaiolako. Bozina entzun da leiho azpian, zenbat denbora pasatuko zen hemen eseri denetik? Pozik, leihoa zabaldu eta "Kaixo guapa!" entzun du kotxetik atera den gizonaren ahotik. "Kaixo!" erantzun dio Axunek. "Eguraldi ederra gaurkoa ezta? Planik bai arratsalderako?", bera k. Gaur etxean geratuko dela erantzun dio (eguneroko plana dela adierazi gabe, ez du kexatia izan nahi). Sokari lotutako poltsatxoan asteko ogiaren zenbatekoa sartu dio, 5,85€ eta poltsa jaitsi dio okinari, honek dirua hartu eta barra sartu dio poltsan "Agur Axun!" oihukatuz. Poltsa jaso, ogia hartu eta leihoa itxi du. Butakan eseri da. Gaurkoan ere hemen geratuko da; baina pozik dago, asteburuan ilobak datoz.
news
argia-ddca523729ef
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/subh-kalifaren-kutun-baskoia.html
Subh, kalifaren kutun baskoia
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-05-22 00:00:00
Subh, kalifaren kutun baskoia Kordoba, 996. Subh eta Almanzorren arteko aliantza politikoa hautsi zen, hogei urtez kaliferriko boterea de facto bien eskuetan egon ondoren. Bigarrena, buruzagi militar eta politiko ezaguna, sayyid (jaun) eta malik karim (errege noble) izendatu zuten 998an eta Al-Andaluseko agintari gorena izango zen kalifa izan gabe ere. Lehena, Subh umm Walad, Alhaken II.a kalifa ohiaren kutunena eta Hisham kalifaren ama, gortetik egotzi zuten eta 999ko abenduaren 11n hil zen. Subhi al- Basunsiyya ere esaten zioten, baskoia alegia, euskal jatorrikoa zelako. Ez dakigu zehatz-mehatz non eta noiz jaio zen, baina bai haurra zela gatibu eraman zutela Kordobara eta han gawari edo esklabo kantari izateko hezi zutela. Ilehoria eta ederra omen zen, eta jakin-min aseezinari esker hainbat arte eta ezagutza menderatu zituen. Alhaken II.aren haremean toki nabarmena eman zioten ezaugarri horiek, eta 962an kalifaren lehen semeaz erditu zenean, haren kutunena bihurtu zen. Kaliferriko haremetan ohikoa zenez, Subhen bizimodua oso mugatuta zegoen. Baina kalifari seme bat –eta geroago beste bat– emanda, agintariak ez zuen hain estu hartu; opariz eta adeitasunez betetzen zuen, eta tarteka, Medina Azaharatik kanpo ibiltzen uzten zion, gizonezkoz jantzita, Bagdadeko mutil gazteen modari jarraituz eta Djafar izena erabiliz. Hala ere, erosi eta Alhakenekin ezkonduarazi zuten esklaboa baino ez zen. Beraz, ez zeukan ez ondasunik ez eskubiderik. Eta semeak egoera berean egongo ziren adin txikikoak izan bitartean. Bere egoera pribilegiatua eta semeentzat tronua ziurtatzeko bere alde egingo zuten funtzionario efizienteak eta baliabideak bildu behar zituela bazekien. Lan horretan, 967an, Almanzor gaztearekin egin zuen topo, eta bere babesean hartu zuen. 972an lehen kargu militarra lortu zuen Almanzorrek eta, 976an, Alhaken II.a hil eta Hisham seme gazteena kalifa izendatu zutenean –zaharrena, Abderraman, 9 urte zituela hil zen–, kaliferriaren kontrola eskuratu zuen, kalifa berriaren amarekin batera. Zurrumurruek zioten maitaleak zirela; ez dakigu etekin sexualik atera zioten harremanari, baina politikoa behintzat bai. Hala, Iruñeko Erresumatik esklabo eramandako neskato hura Al-Andaluseko pertsonarik boteretsuenetakoa izan zen.
news
argia-2bd9bc3c43d5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/30-urte-beranduago-berriro-gosete-handia-hedatzen-ari-da-etiopian.html
30 urte beranduago berriro gosete handia hedatzen ari da Etiopian
Pello Zubiria Kamino
2016-05-22 00:00:00
30 urte beranduago berriro gosete handia hedatzen ari da Etiopian Lehortea 2014an hasirik, hilabeteotan mundu osoan eragin duen El Niñok gosetean murgildu du dagoeneko Etiopiako hamar biztanletik bat, eskualde batzuetan jendeen erdia. Oraindik ez da zabaldu 1984ko argazki terrible haien antzekorik... baina alarmak piztuta daude. Populazioa kontrolik gabe handitzen eta lekuko nekazaritza errotik itxuraldatzen ari den Etiopian ari da gertatzen. Elikadura krisi berriak oraingoz kontrolatu samarra dirudi Etiopian, telebistek ez baitigute erakutsi hezur eta azal hiltzear diren ume eta emakumen irudiekin, duela 30 urte, 1984an, mundu aberatseko biztanleen errukia piztu zuten argazki beldurgarri haiek bezalakorik. Hala ere, karitatezko erakundeak abisatzen ari dira azken 50 urteotako lehorterik handiena daukatela Etiopian. Ez dute uzta txukunik izan eskualde askotan, laboreak ereiteko modurik ere ez azken bi urteotan. Aziendetatik –ahuntz zein gamelu– bizi diren abeltzainek ezin dituzte bazkatu belarrez, ez eta ase urez. Gose eta egarriak ugaritzen dituzte abereen eta jendeen eritasunak. Hamar milioi etiopiar baino gehiago bizi dira uneotan larrialdian, horietatik sei milioi gosea pasatzen. Hailemariam Desalegn lehen ministroak laguntza deia egin die nazioarteko erakundeei, 1.400 milioi dolarreko asistentzia behar duela Etiopiak. Munduak dauzkan emergentzien artean hirugarren handiena da, gerra birrintzen ari den Siria eta Yemenez landa beste inork ez dauka hain behar latzik. New Internationalist hedabidean Christian Aid GKEko Nicola Kellyk kontatu du idorteak kiskalitako Yabelo eskualdean –Etiopia hegoaldean, Kenyarekiko mugatik 100 kilometrora– herrietan  ikusia eta entzuna. Adegalchat herriko buruzagi Sanouri galdetu dio ea zer egin duten egoerari egokitzeko: "Lehortearekin denok sufritzen dugu berdintsu, izan pobre edo aberats, eta berdin dio prestatuta zauden ala ez: euririk ez da iristen. Gure lurra lehortzen ari da, abereak gosetzen eta haurrak ahultzen". Kula Taro Wariyok konbidatu ditu Kelly eta bere kideak etxolara, beste hogei herritarrekin katilu bana arroz jatera. "Euria egin izan duenean ere, dagoenekoz ez du uztarik ekartzen. Garai batean zaparrada handiak egiten zituen eta belarra hazten zen. Orain zelaiak berehala ihartzen dira", esan die atariko lur muturra erakutsiz. Hurbil, Arero herrian, 21 urteko Tume Yarco Deedak diotse emakumeek bereziki sufritzen dutela: "Ura ekarri behar dugu, sutarako egurra bildu, familiari otorduak prantatu, haurrak zaindu… eta askoz lan gehiago. Lehorteak esan nahi du urrunago joan behar dugula ur bila, batzuetan ordu luzez ibili behar dugu eguzkitan ontzi pisutsuen garraio. Baita haurdun daudenak ere. Ezagutu ditut ur garraio dabiltzala erditu direnak, pentsa zein arriskutsua den". All Africa hedabideak analisi batean azaltzen duenez, Etiopiak behar dituen jakien %90 bere lurraldean ekoizten ditu. Otorduetan garrantzia handia daukaten zerealei dagokienez,  2015eko uztan 23 milioi tona bildu zituen, eta ez zuen inportatu behar izan 1,2 milioi baino gehiago. Azken bi urteotan laboreek etekin gutxi eman duten arren, etiopiar gehienak moldatzen dira bizirauteko. Baina ia 100 milioiko populazioa edukirik, jendearen %15 gosez egoteak esan nahi du 15 milioi daudela larri. 15 milioi Etiopia zabalean barreiatuak, horiei lagundu beharrak dakartzan logistika arazoekin. Etiopiarren %83 bizi dira landa eremuetan, nork bere familiaren biziraupenerako nekazaritza soila eginez, baina klimaren aldaketak idorteak ugaritu dituenez azken hamarkadotan lehen baino ahulago aurkitzen dira edozein arazoren aurrean eta elkarren arteko lehia handiagotzen da nork bere ura, lur muturra edo belazea eskuratu nahian. Behartsuari lurra bera ere ostu Azken 50 urteotan Etiopia pasa da 22,2 milioi biztanle edukitzetik 95,5 edukitzera. 1984ko azken gosete handitik 30 urte laburretan bikoiztu egin da Etiopiaren populazioa. Gainera, Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren errezetak zintzo konplituz, nekazaritza industrial eta komertziala sustatu du Addis Abebako gobernuak eta horrek berak zaildu dizkie herritarrei krisi garaietako ihesbideak, dela aldi baterako emigrazioa, lekuz aldatzea bazka berri bila, eta abar. Hego Sudanen eta beste krisi humanitario askotan nazioarteko erakunde eta GKEak diren bezala larrialdiko laguntza banatzen dutenak, Etiopian gobernuak bere eskuz egiten du. Addis Abebako administrazioak helarazten du janaria, bidaltzen ur kamioiak, eta abar, arazoak detektatu eta artatzeko erabiliz osasun zerbitzuetako 38.000 pertsona. The Guardian entzako erreportari lanetan Ogolcho eskualdean ibili den Simona Foltynek, hala ere, bildu ditu lekuko nekazari eta familien kexuak funtzionarioek beren lana ondo betetzen ez dutelako, laguntza ez dutela berdintasunez banatzen, jende guztiarengana ez dela iristen beti, agintariekiko kritikoak direnak zigortzen dituztela, eta abar. Gainera, gobernuak zorrotz kontrolatzen omen du atzerriko hedabideen presentzia eta bertatik egiten duten informazioa, neurri batean ulergarria izan daitekeena jakinik horrelako krisietan Mendebaldeko kazetariok sentsazionalismoa egiteko daukagun joera sendaezina. Asko aipatzen den arren etiopiar gehienak auto-kontsumoko nekazaritzatik bizi direla, egia da Addis Abebako gobernua aspalditik dagoela abiatuta lur eremu zabalak nekazaritza industrialeko multinazionalei eta baita atzerriko gobernuei ere saltzeko estrategian, globalizazio neoliberalaren kritikoek land grabbing edo lur lapurreta deitu dioten desmartxan. Gure artean ezaguna den GRAIN erakundeak aspaldi salatu zuen Etiopia dela mundu osoan elikadura katearen jabe egin nahi duten korporazioen gogoko harrapakinetako bat, nagusiki lur onaren fama duen Ganbella eskualdea. Gambellako 10.000 hektarea saldu zion gobernuak Saudi Arabiako Sheikh Mohamed Al-Amoudi printzeari, honek bere sorterri aberatserako mozkinak ekoiztu ditzan, Etiopian bertan uztaren %40 saltzeko baldintzarekin. Askoz lurralde handiagoa saldu zion gobernuak, 100.000 hektarea, Indiako Karuturi konpainiari. Honek Anuak, Mezenger, Nuer, Opo eta Komo etnietako milaka familia kanporatu zituen lur haietatik gobernuak denak biltzeko propio haientzako antolatutako herrietan; asko Kenyako Dadaab errefuxiatu eremuraino iritsi dira bizi ezinik. 2012an adostu zuten lapurreta hura Karuturiko ugazabek eta Addis Abebako agintariek. Lau urte bete aurretik, 2016ko otsailean, gobernuak eten behar izan du tratua, Karuturik ez duelako 100.000 hektarea haietatik 1.200 baino gehiago jarri produkzioan. Paradoxikoki Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak bultzatu duten kolektibizazio bortxatuaren ostean, Karuturik utziko ditu Etiopian milaka hektarea baso bulldozerrez suntsituak,  milaka errefuxiatu eta beste milaka asko El Niño ren idortearen lehen baino mendeago.
news
argia-989e6a0e29ec
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/aldaketa-txikiak-nafarroako-euskalgintzaren-patriketan.html
Aldaketa txikiak Nafarroako euskalgintzaren patriketan
Xabier Letona
2016-05-22 00:00:00
Aldaketa txikiak Nafarroako euskalgintzaren patriketan Aldaketaren Gobernuak gehiago egingo zuela uste zuten Nafarroako euskaltzaleek, diruari dagokionez behintzat nabarmen gehiago. Urrats garrantzitsuak egin direla ere ezin uka, esanguratsuena D eredua "eremu ez euskaldunera" zabaltzearena. Baina askoz gehiago behar da, hori adieraziko du euskalgintzak kalean ekainaren 4an. Txerri goseak ezkurra amets, dio esaera zaharrak eta txerriak laster jango du kilo bat ezkur, asetzeko hamar beharko baditu ere. Nafarroako euskalgintza gosez amorratua dago oso aspaldi, bestelako politiken zain, eta hauek bestelako aurrekontuak ekarriko zituztelakoan. Usteak erdi ustel, ordea. Nafarroako Gobernuak 2,1 milioi euroko aurrekontua bideratu zuen Euskarabidera 2015ean eta aurten 4 milioi euro. Ehunekotan igoera ez da txantxetakoa, ia ehuneko %100ekoa, baina oinarria hain kopuru txikietatik abiatzen denean ezer gutxitan gelditzen da. Zertaz ari garen ulertzeko, adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek 2014an 154 milioi euro bideratu zuten euskararen sustapenera. UPN eta PSNrekin larri ibili da beti euskalgintza Nafarroan, onarpen publikorik gabe eta itolarrian, baina azken urte luzeetako egoerak markak hautsi ditu. Horrexegatik aldaketa politikoa ezinbestekoa zen bizirauteko eta etorri denean, ametsak nafar zeruetako linboan geratu dira. Aurreko egoerarekin erkatuta, Gobernu berriarekin euskaldunak izan du jauzi oso garrantzitsua onarpen eta presentzia publiko eta instituzionalean, baina ez dirutan, eta gobernuko funtzionarioenak nola IKA eta AEK-ko irakasleek eta haien familiek ere, esate baterako, behar dute zer eraman haien ahotara. Kontseiluaren ustez, Nafarroako aurrekontu orokorren %2 gainditu beharko lukete diru-laguntzek. Egungo kopuruak oso urruti daude langa horretatik: 2015ekoa 0,06koa zen eta 2016koa 0,1ekoa da Euroa gorabehera, Euskarabideak aurten jasoko dituen 4 milioi eurotik 2,9 milioi erakundeak berak behar ditu bere egiturari eusteko. Geratzen dena hala banatuko da: euskalduntze-alfabetatzea, AEK eta IKA (400.000 €); udalek euskara erabiltzeko eta sustatzeko (300.000 €); euskarazko idatzizko eta on-line hedabideak, eta irratiak (290.000 €). Nafarroako Gobernuko Komunikazio zerbitzuak 150.000 € bideratuko ditu euskarazko ikus-entzunezkoen produkziora. Beraz, guztira 1.250.000 euro banatuko dira aurten. Asko da 2015ean banatutako 376.000 euroekin edo 2014ko 147.000 euroekin konparatuta. Erabat eskas gutxieneko duintasunera ere iristeko. Deialdia egunotan egitekoa da, eta egina izango da lerrook argia ezagutu orduko. Aipatu azken zenbaki horiek ikusita, argi da ataka estutik zetorrela euskalgintza Nafarroan. Bere txikian, 2000 eta 2001ekoak izan ziren urterik oparoenak, hortik aurrera gainbehera. 2002an onartu zuen Euskararen Foru Dekretu berria Nafarroako Gobernuak, euskalgintza setio egoeran jarriko zuen XXI. mendeko foru arma. Kontseiluak plazaratutako datuetan, adibidez, 2009ko aurrekontuetatik 3,1 milioi euro jaso zituen Euskarabideak eta 2,3 milioi 2012an. UPNren bakardadearen ondorioz, hurrengo hiru urteetakoak aurrekontu luzatuak izan ziren, baina Euskarabiderako dirua 2,1 milioira jaitsi zen. Legeen gainetik Barcina, beharren azpitik Barkos Herritarren ulermenerako ulergaitzak direnak gertatzen ziren UPNren azken urteetan. Esaterako, euskalduntze-alfabetatzeak 2013, 2014 eta 2015ean 245.000 euro zituen jasotzeko aurrekontuetan, baina inoiz ez zituen patrikaratu. "Bai, arazo teknikoak ditugu" erantzuten zien UPNko ordezkari Alberto Catalanek IKA eta AEK-ko ordezkariei. Baina dirua ez zen iristen eta hurrengoan Euskarabideko zuzendariak adieraziko zien ea "mugitu zezaketen piska bat Legebiltzarra"… Kontua da euskalduntze-alfabetatzerako dirua beste gauza batzuetan gastatuta alde egin zuela Yolanda Barcinak Nafarroako Gobernutik. Uxue Barkosen gobernu berriak 131.000 euro bildu zituen azkenean 2015aren amaierarako euskalduntze-alfabetatzerako. AEK-k eta IKAk 600.000 eskatzen diote Gobernuari, hiru urte haietan jaso ez zutena. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak kritika gogorra egin die aurtengo aurrekontuei, bere ustez egokiak izateko Nafarroako aurrekontu orokorren %2 gainditu beharko lukete. Egungo kopuruak oso urruti daude langa horretatik: 2014koa 0,05ekoa izan zen, 2015ekoa 0,06koa eta 2016koa 0,1ekoa. Euskalgintzaren ikuspegitik, beraz, 8 milioi euroko aurrekontua beharko luke 2017an Euskarabideak euskarak behar dituen gutxienekoei duintasunez heltzeko. Nafarroako euskalduntze-alfabetatzetik dagoeneko adierazi diote Euskarabideari 2017rako 2,2 milioi euro beharko dituztela. Hizkuntzei bideratutako sosetan badira irensgaitzak diren zenbakiak Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan, Kontseiluak 2015aren amaieran egindako txostenean aipatzen da horietako bat: Hezkuntza Konstseilaritzako diru banaketetan, "Euskara Saila"ri 477.837 esleitzen zaion bitartean, "ingelesa eta atzerriko hizkuntzetara" –ingelesa ez da atzerriko hizkuntza, antza– 525.040 euro bideratzen dira. Bitxikerien artean dago, halaber, Nafarroako idatzizko hedabide eta irratiei gertatuko zaiena. Orain arte Eusko Jaurlaritzatik jaso izan dute diru-laguntza, baina 2016rako honek ez ditu diruz lagunduko, Nafarroako Gobernuak bereak banatuko dituelako. Azken honetatik jasoko duten diru kopurua (300.000 €), aldiz, Eusko Jaurlaritzatik orain arte jasotakoa baino txikiagoa izango da.
news
argia-c37384137698
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/alejandro-cao-de-benos-ipar-korean-mendebaldeko-ahotsa.html
�Kapitalismoari �oihana� deitzen diogu: jendeak jendea jaten duen lekua�
Oier Aranzabal
2016-05-22 00:00:00
�Kapitalismoari �oihana� deitzen diogu: jendeak jendea jaten duen lekua� Ipar Korearentzat lan egiten duen mendebaldar bakarra da Alejandro Cao de Benós (1974, Tarragona). Zehazki, Nazioarteko Harreman Kulturaletarako Delegatu Berezia. Anguitaren buruzagitzapeko Ezker Batuan militatu zuen gaztetan eta orain Koreako Lanaren Alderdiko kide da. Edonork ezin du jantzi bihotzean iltzatua daraman intsignia, bandera gorria Kim Il Sung eta Kim Jong Il lider zenduen erretratuekin, herriarentzat egindako lanaren kondekorazioa baita. Ipar Korea herrialde zeharo itxia da, bizi duen egoera medio. Herrialdea inoiz zabalduko da? Korea beti dago munduko beste herrialdeekin hartu-emanak izateko prest. Bere duintasuna eta subiranotasuna babesteko asmoz dago itxita eta ez beste herriak ez ezagutzeko edo harremanik ez izateko. Gutxika-gutxika, jendea geroz eta gehiago hurbiltzen zaigu eta aldaketarik izango da zentzu horretan. Gertatzen da jendeak "aldaketa" edo "irekitze" kontzeptuak askotan kapitalismora bihurtzearen esanahiarekin darabiltzala. Hori ez da nehoiz gertatuko. Nik uste, gehiago da mendebaldea Koreara hurbiltzen ausartzen ez dena, kontrakoa baino. Nazioarteko Harreman Kulturaletarako ordezkaria zara eta Korea AEBekin gerran dago ofizialki. Beldurrik sentitu duzu inoiz? Nire posizioak arazo mordoa ekarri dit, noski. Hainbeste dira Korearen inguruan hedatu diren gezurrak, ezen herrialdearekin lotzen den edozeren edo edonoren izena zikindua geratzen baiten. Arazoak izan ditut txikitako lagun askorekin, uste baitzuten giltzaperatuko zituztela nire lagun izate hutsagatik. Hiru lantokitatik bota naute nire ideiengatik. Sistemaren aldetik sekulako presioa jasaten dut gainera, etengabe miatzen dituzte nire fardelak aireportuetan. Baina beldurra ez dut sekula sentitu. Izua aldean, hobe duzu ideien borroka alde batera uztea. Munduan beste inork lortu ez duen posiziora iritsi banaiz, beldurrik izan ez dudalako da. Bi estatutan banatutako nazioa izanik bateratzea da Korearen helburu nagusietarik bat. Zer egoeratan da balizko bateratze hori? Orain oso zaila da bateratzea. 2000tik 2007ra hainbat akordio sinatu ziren, bi sistema izango lituzkeen errepublika konfederala ardatz. Korearren gehiengoaren babesarekin. Ideologiekiko errespetutik abiatuta, gainontzeko guztian kolaboratzeko konpromisoa sinatu zen. Tamalez, Park Geun-hye, Park Chung-hee diktadorearen alabak, hori guztia suntsitu du. Azkena Kaesong industrialde partekatuaren itxiera izan da, duela hiru hilabete inguru, milaka iparraldeko zein hegoaldeko korearri lana ematen zion proiektua. Banaketak, mugak eta batez ere gerrak eragin zuzena izan du kultura korearrean. Nolako bilakaera eduki du bi estatuetan? Iparraldean berezko kultura mantentzen da, atzerriko eraginik ez duena. Hegoaldean aldiz, AEBetako kulturak sekulako eragina izan du. K-Popa (Korean Pop) da nagusi: estatubatuar poparen bertsio bat, baina ekialdeko aurpegiekin, eta Seulek duen adierazpen kultural famatuena break dance-a da. Atera kontuak. Gazteek amerikar kulturaz den-dena dakite eta aldiz, korear kulturaz deus ez. Hizkuntza ere apurka galtzen ari dira, eta hori lazgarria da nazioarentzat. Hala ere, sinisten dugu oraindik batasuna posible dela. Korearrak zer daki mendebaldeko kulturaz? Ezagutzen dute On Kixote, eta Espainiako gudu zibila. Baina, batez ere, badaki nolakoa den "oihana". Guk kapitalismoari "oihana" deitzen diogu, "jendeak jendea jaten duen lekua". Korearrak Madrilera ekarri ditudanean, beldurtu egin izan dira. Shock bat da haientzat, ikusten baitute guztiagatik ordaindu beharra dagoela. Baita komunera joateko ere. Korea bisitatzen duten kazetari eta turistek etengabe gidari bat dute aldamenean. Gobernuak izugarrizko kontrola ezartzen du kanpotarrekiko. Zergatik? Bai, hala da. Guretzat Korea gure etxea da. Familia bat gara. Prostituziorik eta drogarik gabeko herrialdea da eta ez dugu halako arazoak etxean sartzerik nahi. Atzerritarrak gidari batekin doaz beti, ez baitakigu zeintzuk diren haien benetako asmoak. Hedabideek kazetariak infiltratzen dituzte, turista gisa, gero erreportaje sentsazionalistak publikatzeko. Horregatik hartzen ditugu neurriak. Kazetariei aske ibiltzen uzteak, errealitatea kontrastatzeko ikuspegiak argitara emanaz, ez luke manipulazioa ebidentzian utziko? Guztiz kontrakoa. Kazetariek, esan dudan bezala, monumentu batean argazkia ateratzen dute eta gero esaten dute kontzentrazio esparru batean egon direla. Kazetari hori ez da Piongiang hiriburutik atera, baina Nampo, Wonsan eta Haeju eskualdeez idazten du, CIAk esaten duena literalki kopiatuz. Orain hori gertatzen bada, zer gertatuko da ateak zeharo zabalduz gero? Demokrazia nola ulertzen da Korean? Demokraziak esan nahi du herriak duela boterea. Beren erregimena demokratatzat duten herrialde kapitalistetan zeharo kontrakoa da. Korean herriak du produkzio bitartekoen eta jabego guztiaren kontrola eta jendarte osoaren onurarako darabil, modu kooperatiboan. Hori oinarritzat hartuta, bost urtero Herri Asanblada Gorenerako 687 delegatuak hautatzen ditu herriak. Sufragio unibertsalaz, 17 urtetik gorako herritar guztiek dute hauteskundeotara aurkeztu edo bozkatzeko aukera. Liderren uneoroko gurtzak eta 1948. urtetik estatuburu guztiak familia berekoak izatea demokrazia da? Liderrekiko maitasuna, pasioa eta nonahiko lider gorenen irudia korearren idiosinkrasiarekin bat dator. Korean familiaren batasunak berebiziko garrantzia du. Familiaren mikrokosmosa gizartearen makrokosmosera orokortzen da, non gure liderra baiten aita. Jendartearen batasuna ahalbidetzen duen grabitate zentroa. Figura paternalista dela ezin uka. Baina kontuz! Inolaz ere ez da autoritarioa.
news
argia-4e079ea2c7c5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/oinetakoak-ibiltzeko.html
Oinetakoak, ibiltzeko
Jose Inazio Basterretxea
2016-05-22 00:00:00
Oinetakoak, ibiltzeko Martxoko argazki bat: etxeko zapatila bat, feltrozkoa, negurakoa. Orbel artean ahaztua. Geldi-geldian lokartua. Goroldioa itsatsi zaio orpoan, berde-berdea hori, pistatxo-kolorekoa. Ederki nabarmentzen da oinetakoa astigar izoztuaren hosto zaharren gainean. Lekukotasun moduko bat ematen du: "Hemen izan zirelako, naiz berton". Irmotasunaren seinale-edo. Kanpora-martxorekin sentitu ohi da neguaz, iraganaz, hausnartzeko gogoa. Ez du gogoratzeak pasatutakoa aldatuko, bai, akaso, datorrena ulertzen lagunduko: sanjose-loreak ederrak dira, beharbada euritsua izan delako negua, edo bereziki hotza, edo epela, edo lehorra. Gogoratzeak ez du errebantxa eskatzen. Ezta barkamena ere. Iraganaren semeago egiten gaitu. Alabago. Horretan datza haren balentria Kukuaren etorrerarekin gogoratu ohi dira Dmitri Mendeleiev errusiarraren lehen taula periodikoa, emakume langileen aldarrikapena, Karl Marxen heriotza, Vietnamgo inbasio estatubatuarra... Egutegian, nahi beste efemeride dago, kolore bateko nahiz besteko, iraganekoak denak. Zapatila ahaztuak bezala. Apirileko argazki bat: basorako oinetakoekin emakume zaharra fokuan, beroki lodia, bufanda ederra... hotz egiten du mendialdean. Oroigarria eskuetan. Bandera errepublikanoa paparrean... "Izan nintzelako odoletan, naiz orain arrosetan". Ez delako-edo beti hobeagoa iragana. Elgetan, gogoan hartu dituzte gerra garaiko emakume errepresaliatuak eta erresistenteak: guda-oinetako milizianoak, erizainak, lubaki-egileak, kazetariak... eta, behin frontea hautsita, soldadu oldartuen ferra pean hartutakoak: urliaren ama, sendiaren emaztea, berendiaren alabak. Ez du gogoratzeak aldatzen historia; gehien jota, negar-anpulua lehertuko du musuan. Gogoratzeak ez du errebantxa eskatzen. Ezta barkamena ere. Iraganaren semeago egiten gaitu. Alabago. Horretan datza haren balentria. Maiatzeko argazki bat: botak, hango eta hemengo magalak zapaldu eta zola urratua dutenak, lokarriak gasta-gasta eginda dituzten oinetako militar zaharrak. Bandera bat ere haien ondoan: zuria, Borgoñako gurutzearekin. Atzealdean, Oriamendi abestiaren letra, pergamino itxurako orrialde batean idatzita. Zaharrak berri-edo. Behinola etxeko atarian zapatilak ahaztu zituen amamak, Elgetara joateko bota indartsuak jantzi dituen berberak, dio, esan, armairuan ondo begiratzeko, aro aldaketak neurriko zapatak eskatzen dituela, udarako egokiak: "Maiatzeko loretan ez gara-eta bezperetan beste aspertzen". Luzeak dira gizakiaren ibilbideak, hobe iraganean lokartu barik jardutea, gaur baita biharko historiaren abiapuntua. Irmotasunaren gainetik. Nostalgiaren gainetik. Ezin berrituaren gainetik.
news
argia-d2a923a3643d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/hanibalek-alpeak-zeharkatzeko-egin-zuen-ibilbidea-argitu-du-mikrobiologiak.html
Hanibalek Alpeak zeharkatzeko egin zuen ibilbidea argitu du mikrobiologiak
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-05-22 00:00:00
Hanibalek Alpeak zeharkatzeko egin zuen ibilbidea argitu du mikrobiologiak K.a. 218. urtean Hanibalen gudarosteak balentria handia –eta estrategikoki oso eraginkorra– egin zuen Alpeak zeharkatuz. Baina zer ibilbide egin zuten mendilerroa gainditzeko? Gavin de Beer (1899-1972) enbriologoa izan zen kartagoarraren soldadu, zaldi eta elefanteek Traversette pasabidea (3.000 m inguru) erabili zutela proposatzen lehena. Torontoko York Unibertsitateko Bill Mahaney buru duen ikerlari taldeak tesi hori egiaztatu du orain. Garai horretan Traversettetik gertu animalia gorozki pilaketa masiboa izan zela ikusi dute, kartagoar zalditeriak eragindakoa. Gorozkiak, jakina, berehala desagertu ziren, baina mikrobiologoek aztertu ahal izan duten aztarna utzi zuten: milaka urtez bizi ohi diren klostridia bakterioak. "Zomorro horietan, zehazki, inbasio punikoen garaiko marka genetikoa topatu dugu", Archaeometry aldizkarian adierazi dutenez.
news
argia-1258211bdde3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/hezkuntza.html
Ikastolako jolastokia amesten
Mikel Garcia Idiakez
2016-05-22 00:00:00
Ikastolako jolastokia amesten Grisa eta iluna dela, futbolak protagonismo larregi duela, natur gune gehiago nahi dituztela… Haurrek beraiek eskolako jolastokia aztertu eta eraldatzeko proposamenak egin dituzte Durangoko Kurutziaga ikastolan. Jolaserako eta harremanetarako espazio anitzak eta aberatsak lortzea da helburua. Ibaizabal ikastola durangarrarekin batera, aurtengo Ibilaldia antolatzeaz arduratu dira Kurutziagan. Horrez gain, proiektu interesgarria dute martxan: jolastokia birpentsatzea. Azken finean, eremu hezigarri bat gehiago dela eta haurren arteko harremanetan eragin handia duela argi dute ikastetxean. Kurutziagako kanpo-espazioak ohiko ereduari erantzuten diola ikusi zuten: futbol eta futbito zelaiek –eta bigarren maila batean saskibaloi kantxak eta frontoiak– hartzen dute leku gehien, eta harreman desorekatuak eragiten ditu: mutilek espazio nagusia okupatzen dute –batez ere beraiek dira futbolean aritzen direnak– eta bazterretan geratzen dira neskak, harmailetan, eskaileretan… Ikasleei galdetuta ere, ondorio berdinetara iritsi ziren. "Eremua nola antolatzen dugun, horren araberakoa da jarduna: futbito eta futbol zelaiak baldin badituzu erdigunean, horiek gailenduko dira beti. Futbolik gabeko eguna dugu, baloirik gabekoa, bestelako jolasak egin ahal izateko margotu dugu futbito-kantxa… baina alferrik. Futbol eremuan umeak beste zerbaitetan ari badira, alde egingo dute futbolean jokatu nahi duen talde bat agertu bezain pronto", kontatu digu Gaizka Uriarte irakasle eta egitasmoaren bultzatzaileak. Egoera aldatzeko espazioa aldatu behar, eta horri ekin diote, aukera baliatuz jolastokian naturarekiko harremana ere handitzeko. Tirolina, hareatza, jolas librea, gune lasaiak… 1.000 ikasle inguru ditu Kurutziagak eta ikasleen beraien parte-hartzea funtsezkoa izan da proiektuan (batik bat Lehen Hezkuntzakoak aritu dira buru-belarri). Egoeraren azterketa deskriptiboa eta kritikoa haurrekin batera egin dute –ea nahikoa espazio al duten txikienek, ea neskek eta mutilek hartzen duten esparrua orekatua den…–, eta gero amesteko tenorea iritsi da: desiratutako guneak marraztu dituzte haurrek, gelaka eta mailaka elkarren artean adostu dute kanpo-espazioaren diseinua, eta maila bakoitzak amestutako jolastokia irudikatu du, mural batean, maketa bidez, plastilinarekin, argazkiak erabiliz… "Gure lana izan da proposatu dituzten gauza horiek teknikoki errealitatera nola eraman aztertzea, eta eskaeraren bat edo beste izan ezik, egingarria da proposatu duten guztia", diote Iratxe Txintxurreta eta Celia Imaz gurasoek. Izan ere, gurasoak ere egitasmoaren parte dira. Espazio anitzak eskura jarrita gehiago nahastuko dira denak, jolas mistorako aproposa izango da eta neska-mutilen arteko harremanak aberastuko dira, baita adin ezberdinekoen artean ere Eta zer da ikasleek amestu dutena? Lehenengo kritika izan da oso grisa eta iluna dela jolastokia, bizitasuna eta kolorea behar dituela. Natur gune gehiago eskatu dituzte, naturari lotutako ekintzak, ortuak protagonismo handiagoa hartzea; "marrazkietan argi ikusi dugu: berdea da nagusi". Zuhaitzetara igotzeko sokak edota zubi tibetarrak eskatu dituzte eta jolastokia inguratzen duten berdeguneak eta arbolak aprobetxatzea izango da gakoa. Natur guneak ikerketa gune ere izatea gura dute, jolastuz, landareak aztertuz… Baita bizitza islatzeko modua ere, jolastokia aldatzen joango delako urtaroekin batera, hosto berri eta galduen bidez, koloreen bitartez… Gainera, egurra izango da nagusi, ahal dela plastikoa baztertu eta elementu naturalak nahi dituztelako inguruan. Ikasleen beste eskaera bat da futbolari eskainitako eremua murriztea eta beste kirol batzuei aukera ematea (eskalada, ping-pong, boleibola, patinetea…). Futbito eremua mantendu eta futbol-zelaia kenduko dute, zelaia belarrez bete eta gune anitzak sortzeko, tartean lasai egoteko espazioak eta aterpetxoak (mahai-jolasetan aritzeko adibidez), baloiak jotzeko arriskurik ez duten txoko lasaiak eskatu dituztelako ikasleek. Ez da egon mutil bakar bat ere, ezta neskarik ere, futbol-zelaia kentzeagatik kexatu denik. "Aldiz, desadostasunak guraso batzuen aldetik iritsi zaizkigu, eskolaz kanpo haurrak futbolean dituzten gurasoengandik; baina ezin dute halako egitasmo baten aurka joan". Jolas librea –eta ez bideratua– sustatzeko gune ugari izango dira: enbor batek adibidez askorako eman dezake, berdin txukundu egingo duten hareatza gune zabalak, hondarrarekin nahieran aritzeko, edota urak. Izan ere, urak presentzia nabarmena izango du eta drainatze-sistema on batekin, batez ere udaberri eta udan urarekin dibertitu ahalko dira. Jesarlekuak jarriko dituzte, eguzkitik babesteko gerizpe gehiago egongo da –itzala emango duten zuhaitz sendoak– eta anfiteatro modukoa sortuko dute gain batean, klaseak emateko, ikuskizunak egiteko… "Antzerkiak garrantzi handia du gure ikastetxean", azpimarratu du Uriartek. Txirrista berriak ere izango dituzte haurrek, luzeak eta zabalak, kolektiboak, ume bat baino gehiago sartzeko, halakoak eskatu dituztelako. "Jolastokia ez da guztiz laua, erliebeak ditu eta hainbatentzat arazo izan daiteke, baina guretzat erronka da; esaterako txirrista eta tirolina jartzeko aukera errazten digu pendizak", dio Txintxurretak. Dena lotuz, testura ugaritako ibilbidea Gune eta eskari guztiak lotuz, ibilbide bat trazatuko dute, bidegorriaren gisakoa, eta testura, material eta kolore ezberdinak izango ditu ibilbideak: harea, hartxintxarra, asfaltoa… Erabilera anitzak izan ditzala da asmoa, leku batetik bestera mugitzeko, jolasteko, patinetan edo lasterka aritzeko… Bide nagusiak 375 metroko luzera eta bidezidor ugari izango ditu. Zentzumenen ibilbidea izatea ere gura dute, bidean zehar zentzumenak lantzeko aukera egotea. Zarataren kudeaketa nabarmendu dute elkarrizketatuek, zarata saihestuko duten gune lasaiak tartekatuko baitira ibilbidean zehar. Amaierarik gabeko proiektu ireki eta bizia Behin amestuta, Udalarekin hitzarmena lotzeko eta aurrekontua zehazteko garaia da. Horretan ari dira eta gurasoen laguntza ezinbestekoa da; Celia Imaz eta Iratxe Txintxurreta arkitektoak dira eta ingeniaria eta paisajista ere badituzte taldean. Lehenengo obrak egin, eta ondoren espazioa auzolanean eraikiko dute, heldu eta haurrek batera. Bizpahiru urtetan oinarri nagusiak finkatuta izatea aurreikusten dute, baina egitasmoak ez du amaierarik, urtero berrikustea eta nahi eta beharren arabera moldatzen joatea baita xedea, zerbait malgua, irekia eta bizia izatea. Ziur daude gure hiru elkarrizketatuak: espazio anitzak eskura jarrita gehiago nahastuko dira denak, jolas mistorako aproposa izango da eta hartu-emana zabaldu eta harremanak aberastuko dira, neska-mutilen artean, eta baita adin ezberdinekoen artean ere.
news