id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-e0324fd73f15 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/aralarko-parke-naturala-etorkizuna-eztabaidan.html | Aralarko Parke Naturala: etorkizuna eztabaidan | Igor Agirre | 2017-02-19 00:00:00 | Aralarko Parke Naturala: etorkizuna eztabaidan
Enirio-Aralar Mankomunitateak Aralarko Parke Naturalean egin asmo dituen pistek arrakala handia sortu dute. 2003. urtetik aurreikusten zen pistaz gain, beste hainbat bide berri eraikitzea dago jomugan orain. Abeltzainek lan duintasuna argudiatzen dute pista horiek eraikitzeko. Naturazale, ekologista eta beste hainbat taldek, ordea, zalantzan jartzen dituzte bide horien beharra, egokitasuna eta legezkotasuna.
Eztabaida piztu dute Aralar Natur Parkean egiten ari diren pistek eta etorkizunean egitea aurreikusi dutenek. Enirio-Aralar Mankomunitatea da bertako larreen jabea eta horren parte dira hamabost udal: Tolosaldeko Abaltzisketa, Amezketa, Baliarrain, Ikaztegieta eta Orendain; eta Goierriko Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Ordizia eta Zaldibia. Lur horien kudeaketa, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dago.
2016ko urtarrilaren 30ean, urteko batzar nagusia egin zuen Enirio-Aralar Mankomunitateak. Goierriko Hitza -k jaso zuenaren arabera, hiru urte bildu gabe egon ostean elkartu ziren bilera hartan herrietako, Foru Aldundiko eta ganaduzale nahiz artzainen ordezkariak. Batzorde horretan hainbat gai tratatu zituzten eta horien artean jarri zen mahai gainean artzainen bordetaraino iristeko pisten falta. Horren ondoren, hango lehen sektoreko partaideekin eta mendiarekin muga egiten duen udalerrietako ordezkariekin, izaera kontsultiboa duen lantaldea sortzea ere erabaki zuten batzarrean.
Artzainen eta ganaduzaleen eskaera eta beharrak ikusita, Intzentsaotik Goroskintxuraino iritsiko den 1,5 kilometroko pista eraikitzeari ekin zioten makinek 2016ko udazkenean (ikusi mapa). 2003. urtetik onartua zegoen pista hori egitea eta mankomunitateak erabakia aho batez hartuta. 138.000 euro bideratu dituzte lan horietarako.
Ordura arte mankomunitateko ordezkarien artean zegoen batasuna, ordea, 2016ko urriaren 19ko batzarrean hautsi zen. Lantalde deiturikoak landutako proposamena jorratu zen batzar horretan. Bertan, Goroskintxurainoko pista 4,4 kilometrora arte luzatzea onartu zen eta horretaz gain, beste bi mendi-bide eraikitzeko aukera ere bai. Proposamena bederatzi herriren aldeko botoekin, kontrako bost bozkarekin eta batzarrera azaldu ez zen herri baten abstentzioarekin onartu zen.
Pisten aferaren hurrengo kapitulua, Enirio-Aralar Mankomunitateak 2016ko abenduaren 20an egindako batzarrean gertatu zen. Bilera horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015-2019 epealdirako proposatutako hitzarmenari baiezkoa eman zitzaion aldeko hamar bozka eta abstentzio batekin; lau udalerritako ordezkariek bileran ez parte hartzea erabaki zuten. Baiezko horrekin batera, Enirio eta Igaratza lotzen dituen oinezkoen bidea egokitzea onartu da, ibilgailuentzako pista eginez.
Denera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bozeramaile Imanol Lasak jakinarazitakoaren arabera, Diputazioak bi milioi euro bideratuko ditu Enirio-Aralarko kudeaketa planera. Hor aurreikusitako lanen artean daude aurretik aipatutako Goroskintxurainoko pista berria Saltarriraino luzatzea, Doniturrieta eta Enirio artean dagoen oinezkoen bidea zabaltzea, Igaratza eta Ariñate arteko pisten "V"-a osatzea eta hortik hainbat beso ateratzea. Aurrekontu horretan beste hainbat lan ere sartzen dira, hala nola, Ariñaten ur biltegia egitea, Enirioko langan paso kanadarra egitea, aska berriak eraikitzea, hainbat garbiketa lan, eta iturrietan nahiz txaboletan egin beharreko konponketak.
Pisten auziak ika-mika handia sortu du aldeko eta kontrakoen artean. Hondeamakinen aurka udazkenean egin sabotajeak eta berrikitan Zaldibiko mendizaleek Oiduin zuten txabola erre izanak –proiektuaren kontra azaldu dira elkarte horretako kideak–, ez du mesederik egin giroa baretzeko. Zein dira batzuen eta besteen argudioak?
2002an ez, orain zergatik bai?
Abeltzainen eskaerari kasu eginez onartu dira orain arteko pisten lanak eta asmoak mankomunitatean. Gipuzkoako EHNE sindikatuaren lehendakari Garikoitz Nazabalek azaldu duenez, "gutxienez hogei urtez eskatzen ari diren behar bat" da bideena. Halaxe dio ere aipatu lantalde horretako partaide den Josu Oiartzabal artzainak: "Hogei urte daramatzat Aralarren artzain eta hasi berritan harrapatu ninduen 2002ko kontuak. Orduan ere pistak egitea eskatzen genuen baina garai hartan, mankomunitateak ezezkoa eman zuen. Ez genuela ezer egiterik esan ziguten".
Aranzadiko Zuzendari Nagusi Juantxo Agirrek gogoan du Aralarren inguruan 2002an egon zen eztabaida. Ia hamabost kilometroko autoentzako bide-sarea zegoen proiektatuta orduan. Garai hartan "argi gorriak piztu ziren" Agirrek azaltzen duenez, "Diputazioak bultzatzen zuen hori; gaitasun ekonomikoa zuen eta juridikoki bideratzeko aukera ere bai". Ordezkari politikoek Eusko Legebiltzarrean beren ikuspegia azaltzeko aukera eman zieten orduan Aranzadikoei. "Artzaintza eta abeltzaintza positiboki baloratzen genuela esan genuen orduan, lagundu behar zela, bizi eta lan baldintzak hobetu behar zirela; baina parkearen bihotzean autoentzako mendi-bide horiek ezinezkoak zirela adierazi genuen, eragin latza eta atzeraezina izango zutelako" gogorarazten du.
Garikoitz Nazabal (EHNE): "Gure sektoreak lurrarekin lan egiten du. Guk lurra behar dugun bezalaxe behar gaitu lurrak gu orain duen egoera mantentzeko"
Orduko ordezkari politikoek proiektu erraldoi hura ez egitea erabaki zuten azkenean. Hala ere, gaur egungo egitasmoak 2002koarekin lotzen ditu Aranzadiko ordezkariak: "Garai hartan aurreikusitako ibilbide guztiak ikusten ziren plano bat zegoen. Argazki horren aurrean jende asko beldurtu egin zen. Hamasei urte geroago, orain, argazki hori zatika erakusten dute, eta garaiko bide-sarea egin nahi zutenek egitasmoa administratiboki eta juridikoki nola bideratu ikasi dute".
Denbora pasa bada ere, abeltzainek orduko kezka berdinekin jarraitu dutela dio Oiartzabalek. Latosan du txabola eta bere esperientzian oinarrituz azaltzen du berak bizitako egoera: "Nik hiru urtetan egin dut gazta mendian baina ia ezinean jaisten nintzen. Pista amaieratik ordubetera dut txabola eta gaztak egin berriak direnez, gazta gutxi eman behar nituen joan-etorri bakoitzean, bestela zapaldu egiten baitziren. Horretaz gain, eguneroko bizitza egiteko beharrezko traste guztiak ere eraman behar nituen txabolaraino. Azkenean, gazta mendian egiteari utzi nion".
Gaur egungo egitasmoa etorkizunean pentsatuz egindako eskaera dela azpimarratu du Oiartzabalek: "Eskaera egin dugu etorkizunean abeltzaintzak, eta batez ere artzaintzak mendi horretan jarraitzea nahi badugu, baliabide horiek behar-beharrezkotzat ditugulako. Jardun horiek mantentzen badira, Aralar larreetako belar motzarekin eta txukun mantentzea ekarriko du, gaur egun bezala".
Edurne Huesa (Landarlan):
"Aralar ondarezko herri-mendia da eta bertako onuradun diren sektore guztien beharrak jaso beharko lituzke proiektuak"
Horretaz gain, langileen baldintzak ere ezinbestean kontuan hartu behar direla arrazoitzen dute EHNE eta ENBA sindikatuek. EHNEko ordezkariaren esanetan oinarrizkoak dira beren eskakizunak: "Gure sektoreak lurrarekin lan egiten du. Guk lurra behar dugun bezalaxe behar gaitu lurrak gu orain duen egoera mantentzeko. Beraz, errekonozimendu horretatik hasiz gero, pertsonak era duinago batean lanean aritu behar duten garaian, oinarrizkoak diren bitarteko batzuk behar dira". Langileen eskubideez mintzo direla aldarrikatzen du, bideez hitz egitea "langileen bizitzaz" hitz egitea dela argudiatuz. "Langile guztien moduan, duintasuna eskatzen dugu" gehitu du Nazabalek.
Aralar Bizirik taldeko Joxan Auzmendik argi du Aralar Parke Naturalaren kudeaketaren helburua "bertako natur-ondarea babestea, kontserbatzea, leheneratzea eta hobetzea" dela. Artzaintza ere parametro horietan kokatzen du. Baina aipatutako helburuei erreferentzia eginez, Aralarko Natur Baliabideen Antolamendu Planean oinarritzen da. "Hor jasotzen da Aralarren garatuko diren jarduera guzti-guztiek helburu horrekin bateragarriak izan behar dutela" dio.
Prozesua eta legeen interpretazioak
Pista berriak egitea egia bihurtu litekeela ikustean, proiektuaren beharra, egokitasuna eta legezkotasunaren inguruko iritziak ere zabaldu dira gizartean. Aralar "ondarezko herri-mendia" denez, tamaina honetako proiektu bat egiterakoan, "bertako onuradun diren sektore guztien beharrak" jaso behar direla uste du Landarlaneko kide Edurne Huesak. Duela hamahiru urte Goierrin sortutako taldea da Landarlan Ingurumen Elkartea eta Aralar parkeko patronatuko kide ere bada. Patronatua parkearen kontrol, kontsulta eta lankidetza organoa da eta eztabaidaren aurrean patronatua ez biltzea salatzen du taldeak: "Landarlanez gain, EHU, Mendizale Federazioa eta beste zenbait erakunde ere patronatuan ordezkatuta daude".
Eguzki talde ekologistarekin batera, fiskaltzara jo du Landarlanek pisten proiektuak hainbat lege urratzen dituela argudiatuta. Joxan Auzmendiren arabera, "legearen espirituaren gainetik nolabaiteko ingeniaritza juridikoa erabili dute beren helburua lortzeko zirrikituak aurkitu nahian". Pista berria egiten ari diren tokian legeak espresuki lurra mugitzea debekatuta dagoela dio Aralar Bizirikeko kideak. Goroskintxurainoko pista Aralarko Parke Naturalaren ordenazio planean babeserako "mendi babesle barrutian" kokatutako lurretatik pasatzen da. Barruti horren legedia kontuan hartuz, Auzmendik adibidetzat jartzen du Aralar aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Planeko 26. artikuluan jasotzen den araua: "Lurzorua eraldatu dezaketen lan guztiak debekatzen dira baso iraunkorra ezartzea helburu duten lanak eta sarbide eta azpiegiturak hobetzeko edo sortzeko lanak salbu".
Aralar Bizirikeko kidearen aburuz, "proiektu hori bide berria eraikitzeko denez, ezin zaio aplikatu arauan jasotako salbuespena". Pista berriak egiteko, ordea, baliatuko duten zirrikituaren inguruko susmoa ere badu Auzmendik: "Denboran zehar hainbat ibilgailu pistetatik kanpo ibili dira. Hori debekatuta dago baina dirudienez, toleratuta. Orduan, proiektua justifikatzeko, dagoeneko gurpilekin lurrean arrastoak eginda daudenez eta hor higadura sortzen ari denez, pista berriak egiteari Aralarko txaboletara eta Saltarriko mangarako mendi-bideen 'antolakuntza eta egokitzapena' deitu diote". Jaurlaritzaren menpeko den HAZI fundazioak egindako ingurumen txostenean oinarritzen dira horretarako.
Legeek, aldiz, beste modu bateko interpretazioak egiteko parada ere uzten dute. Esaterako, HAZIren txostenak, abere-jarduerari erreferentzia eginez, bideak egiteko hartutako erabakiarekin bat egiten du. Aralar Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko dokumentuak jasotzen duenez "larre eta abere-azpiegiturak hobetzeko beharrezko inbertsioak" egin ahal izango dira, gaur egungo ganadua "gutxienez mantentzeko"; eta espazio horien kontserbazioa "bermatuko" duten abere-jardueraren mesedetan beharrezko azpiegiturak "sortu, zaindu eta konponduko" direla ere badio.
Juantxo Agirre (Aranzadi): "2002ko maparekin jende asko beldurtu zen. Hamasei urte geroago, bide-sarea egin nahi zutenek egitasmoa administratiboki eta juridikoki nola bideratu ikasi dute"
EHNE nahiz ENBA sindikatuek abeltzainekin elkarlanean jasotako beharretako batzuen artean kokatzen ditu pistak Nazabalek, eta gaineratzen du teknikarien lana dela horiek nondik egin daitezkeen finkatzea: "Guk mahai gainean jarri ditugunak behar batzuen identifikazioak dira. Bideak dira horietako bat. Nondik egin behar diren ez dugu esaten. Hori ondoren tramitatzen denak esaten du".
Alternatibarik ba al da?
2002ko egoerara bueltatuz, alternatibarik bilatu gabe hamalau urte "galdu" direla uste du Landarlan elkarteko Koro Irazustabarrenak. Ikuspegi bertsua du lehen sektoreko ordezkari Garikoitz Nazabalek ere: "Duela hamabost urte, eztabaida plano hauetara etorri zenean, alternatibez hitz egiten ziguten. Hamabost urte geroago, gabeziek hor jarraitu dute baina alternatibarik ez da landu, edo ez da planteatu, behinik behin". Hamalau urte hauetan, parke naturala pistek eragingo zuten "inpaktutik" salbatu dela iritzi du Aranzadiko Juantxo Agirrek. Aldi berean, urte horietan zehar, beste irtenbide batzuk landu behar ziren haren ustean. "Ardura guztiona da, baina esfortzua beharra duenari ere eskatu behar zaio" ohartarazi du ondarean adituak.
Puntu honetara iritsita, "zail" ikusten du Josu Oiartzabalek pistak ez diren beste aukera batek beren beharrak eta eskariak betetzea. Hala ere, pistak egitearen gaiarekin "itxirik" ez daudela dio sindikatuko Nazabalek: "Eztabaida ulertzen dugu eta horretarako hitz egiteko prest gaude, lanean ari diren pertsona horien duintasuna errespetatuz gero. Alternatiba errealak baldin badaude, planteatu eta hitz egingo dugu horien inguruan". Landarlan elkarteak, esaterako, hainbat irtenbide aipatu ditu pistak eraiki ez daitezen eta artzainek dituzten eskakizunak betetze aldera. Besteak beste, txabolen berrantolaketa, noranahiko beldar katezko garraioa edo airetiko garraioa.
Nazabalek zalantzan jartzen du airetiko garraioa eta batez ere, helikoptero zerbitzuaren bideragarritasuna artzainen egunerokotasunari begira: "Erreala da hori? Orain arte materialak eman izan dira helikopteroetan txabolak konpontzeko, eta sekulako gainkostua dute. Eguneroko martxan, gaztak jaisteko, butanoa igotzeko... helikopteroa joango da? Mendizale bati zerbait gertatzen zaionean hamarretik bederatzitan helikopteroa ez da joaten lainoarengatik" dio EHNEko ordezkariak. Nazabalen adibidearen kontrara, Agirre Mauleonek ez du berehalakoan esaten helikopteroaren aukera ez dela erreala: "Hori horrela balitz, Pirinioetako Ordesan, Suitzako parke guztietan edo Amazonian bide sareak sartu beharko genituzke barruraino. Eta gainera, pistak asfaltatzen baditugu, anbulantziak azkarrago joango dira", azaldu du ironikoki.
Etorkizuneko salbazioa?
Mendi-bide berriak ez dira euren sektorearen salbazioa izango, hala dio Nazabalek, baina egoera hobetzeko bidean garrantzitsuak direla uste du: "Bideak erreminta bat dira, ez helburua. Azken batean, guk medio batzuk eskatzen ditugu lana egoera hobean egiteko. Sektorearen etorkizuna soluzionatuko dute? Ez. Osagarriak diren gauza mordoxka batek lagundu dezake soluzioaren parte izaten? Bai".
Ezbaian dagoen egoeren antzekoak munduko beste hainbat tokitan ere gertatzen ari direla uste du Agirre Mauleonek. AEBetako gobernu berriarekin batera sortutako egitasmoa jartzen du adibidetzat: "Planeta osoan gertatzen ari da Aralarko aferaren antzekoak. Estatu Batuetan maite dituzte natur parkeak. Baina ingurumen ministro berriak oliobideak sartuko ditu. Berak ere maite ditu parkeak, baina petrolio-hodiak sartuko ditu milaka lanpostu berri bultzatzeko. Hemen bezala, bertako unibertsitate eta ekosistema adituek mahai gainean jarri dute bailara batzuetatik ezin daitezkeela oliobide horiek pasa. Baina gobernuak, hura ere demokratikoa, ez die kasurik egingo. Beraz, bizitza, natura eta geroa ulertzeko modu desberdinak dituzte. Guk, neurri txikiagoan, baina arazo bera daukagu".
Aranzadin garbi ikusten dute pistak eraikitzeak "ingurumenarentzat kalte handiak eta arazo gehiago" sortuko dituela. Egoeraren inguruan beharrezko erabaki eta neurriak hartu aurretik, artzain eta ganaduzale horien etorkizuna "eragile guztien artean aztertzeko beharra" ezinbestekoa da zientzia elkartearentzat. Batzuek denbora eskatzen duten bitartean, Enirio-Aralarko kudeaketa planak dagoeneko jasotzen ditu mendi-bide berriak egiteko aukerak. | news |
argia-f0b486d8ba7c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/india.html | Nekazarien suizidioek odolustutako lurra | Esti Redondo | 2017-02-19 00:00:00 | Nekazarien suizidioek odolustutako lurra
Merkataritza askeko nazioarteko itunek eta estatuko politikek milaka nekazari hiltzen dituzte urtero Indian, beren buruaz beste egitera bultzatuz, laborari elkarte ugarik salatzen dutenez. Egoerak okerrera egin dezakeela ohartarazi dute, sektoreko krisia areagotu eta nekazaritza industrialak ezarritako eredua indartu ahala.
India hegoaldeko La Via Campesinako erakundeen koordinatzailea Kannaiyan goitizenez ezagutzen da. Kazetariekin egindako formazio saio batean "merkataritza askerako itunek nekazariak erailtzen dituzte" oihukatu zuenean isiltasuna nagusitu zen. Baina datuak ikusita, ez dago zalantzarik, azken hamarkadan Indiako 250.000 lurjabe gizonezko nekazarik beren buruaz beste egin dute (emakumeak ez dira nekazaritzat hartzen, ezta lurgabeak ere). Aurten kopuruek gora egin dezakete, nekazaritza krisia hedatzen ari den heinean.
Nekazarien esanetan 1990era arte Indiak bere biztanle guztiak elikatzeko adina ekoizten zuen; oraingo politikek ekoizpena suntsitu eta zor etengabera eraman dituzte laborariak
Nekazari mugimenduen esanetan arrazoiak oso konplexuak dira, baina funtsean barneko eta nazioarteko merkataritza askerako politikak dira arduradunak, haiek eragindako krisiarekin, zorrekin eta diru iturrien beherakadarekin lotura zuzena dutelako suizidioek. La Via Campesinaren hitzetan, "Indiako Gobernuak eta beste erakunde publiko batzuek ondorioei begiratzen diete arrazoiei begiratu ordez, euren ardura politikoa ezkutatuta". 2015ean beren buruaz beste egin zuten 8.000 laborariak depresioak jota zeudela esaten du gobernuak.
Diru iturrien beherakada
Iraultza Berdea esaten diotenak, hau da, nekazaritza agroindustrialak, premia gorrira eraman ditu familiak La Via Campesinaren esanetan. Patente teknologikoak, diru-laguntzen desagerpena, landa eremuko kredituen konplexutasuna, herri merkatuen pribatizazioa, kanpo inbertsioak… krisi horren parte dira.
Merkataritza askerako itunak eta bestelako nazioarteko akordioen arauak direla-eta, nekazaritzako produktuen prezioak behera doaz eta aldi berean estatuek elikagaiak inportatzen dituzte, oso zerga txikiekin edo zerga gabe egiten dutelako. Indiako nekazariek ezin dute horrekin lehiatu.
Aurten berriro izango dute arazo bera, gobernuak garia eta patata inportatuko dituela adierazi du eta. Horretarako aitzakia da Indian ez dela uzta nahikoa egon, baina nekazari mugimenduek gezurtatu egiten dute: "Arazoa da gobernuak ez duela elikagai nahikoa erosi eta gorde; Merkataritzarako Nazioarteko Erakundeak, Indiak sinatu dituen merkataritza askeko itunekin batera (80 baino gehiago), ez du horretarako aukerarik ematen". Nekazarien ordezkariek esaten dutenez, 1990era arte bere biztanle guztiak elikatzeko janari nahikoa ekoizten zuen Indiak; "orain barne ekoizpena suntsitzen ari dira dumping politikekin eta nekazariak behartzen dituzte salneurri txikiekin lehiatzera".
Argazkia: © Yann Forget / Wikimedia Commons
Gutxieneko prezioak
Laborarien iritziz, Indiako Gobernuaren ardura izan beharko litzateke gutxieneko salneurriak ezartzea, langileak merkatuaren gorabeheretatik babesteko. Baina uzta gehienek ez dute oraindik gutxieneko preziorik eta dutenean txikiegia da, ez da inolaz ere bidezko prezioa. India osoko La Via Campesinako mugimenduen aspaldiko borroka da hori, urtero milaka nekazari kalera ateratzen dituena. Yudvir Singh, Bharatiya Kissan Union (BKU) taldeko ordezkariak dioenez, "une honetan uztarekin dirua galtzen ari diren ekoizleak daude, oso baldintza eskasetan bizi direnak, eta badira uztak alferrik galtzen edo botatzen dituztenak ere".
Lehen sektorean ematen diren galerak neurri handi batean Iraultza Berdearen ondorioa dira, arazoa jasaten ari direnek sinpleki adierazten dutenez: gastuak biderkatu ziren –eta urtero handitzen dira– eta elikagaien salneurriak mantendu egin dira. Bertako baliabideak erabiltzen zituen eta ia diru inbertsiorik behar ez zuen nekazaritzatik urtero inbertsio handiak eskatzen dituen eredura pasatzean (haziak, pestizidak, ongarriak, erregaiak…), irabaziak gutxituz joan dira.
Hazi transgenikoen agerpenak itotzea areagotu zuen. Kotoi transgenikoak milaka nekazari hondamendira eta suizidiora eraman zituen, eta arrisku bera dakar ziape transgenikoaren agerpenak. Ipar Indian oso labore garrantzitsua da ziapea, mostaza olioaren kontsumoagatik.
Horrek guztiak zor etengabera eraman ditu nekazari familiak, ordaindu ezin duten zorra. Eta depresio egoera larriak sortu dira: zordunak etxeetara joaten dira diru eske, eta horrek, herri txikietan, lotsa publikoa eta autoestimua galtzea dakar.
"Ez dago irabazietarako aukerarik", kexu dira, "uzta handia denean prezioek behera egiten dute merkatu legeak direla eta ez direla, eta uzta txikia bada prezioak aldatu egiten dira inportazio politikengatik eta gastuen igoeragatik". Horrekin batera, gora egin dute suizidio tasek.
Uzta txarrak
Sistema neoliberalak ez ditu nekazariak era bakarrean kaltetzen. Iraultza Berdeari lotutako laborantza industriala, esaterako, klima aldaketaren eragileetako bat da; izan ere, Focus on South Global GKEren arabera CO2 emisioen %50 inguru nekazaritza eredu industrialetik datoz, basoen akabatzea, ongarrien produkzioa, pestiziden aireratzea, makineria astunaren erabilera eta garraioa kontuan hartuta.
Hondamendi naturalak biderkatu egin dira Indian: uholdeak, zikloiak eta, gehienbat, lehorteak, epe luzeko eta kroniko bihurtzen ari direnak. Indiako eskualde handiek ur gabezia sufritu dute azken urteetan; toki horietan beren buruaz beste egiten dutenen kopurua ohikoa baino altuagoa da. Baina Indiako Gobernuak hartutako erabakiek ez dute sustatzen berotegi efektua gutxituko duen nekazaritza eredu bat. Eta efektu horren ondorioak leuntzeko neurririk ere ez du hartu.
Krisi honetan emakumeak ikusezin bihurtzen dira, estatistikek eta indiar jendarteak ez ditu laboraritzat hartzen, animalien eta hainbat uztaren arduradunak badira ere. Emakumeek ez omen dute nekazaritza krisia jasaten, gabezia egoeretan zaintza lanak biderkatu arren, goseagatik, gaixotasunengatik... Eta emakumeak dira Indiako landa eremuan zaintzaren arduradun bakarrak. Haien bizitzak ikusezinak dira, eta are ikusezinago haien heriotzak: ez dago emakumeen suizidio tasen inguruko daturik. Datu orokorragoen barruan sartzen dira, eta batzuetan indarkeria matxista kasu moduan agerrarazi nahi dituzte.
Pestizidak edatea, urkatzea eta uztarekin batera immolatzea dira masiboki erabilitako suizidio motetako batzuk
Nekazarien erbestea
Pestizidak edatea, uzta gordetzen duten lekuan urkatzea eta uztarekin batera immolatzea dira masiboki erabiltzen diren suizidio motetako batzuk. Baina badago beste "heriotza" isilago bat, La Via Campesinak salatzen duenez: hirietara migratzea. Horrekin batera elikagaien ekoizpena galtzen da, hala nola kulturak, bizilagunen arteko harremanak, komunitatea…
Erbeste horrek beste arazo batzuk sortzen ditu harrera lekuetan: biztanle gehiegi dituzten hiriak, langabezi tasa altuak, ur edangarririk ez izatea, ez energiarik, ez garbitasunik… "Baina badirudi sistemarentzat errentagarria dela, oraindik ere bultzatzen duelako", dio La Via Campesinak. Indian, beste edozein herrialdetan bezala, migrazioa arrazoi ugariko fenomeno konplexua da, baina kasu honetan behintzat esan daiteke Narendra Modiren gobernuak bultzatzen duen industrializazio politikak zuzeneko lotura duela. Modi lurrak desjabetzen eta nekazariak kaleratzen ari da, industria eta etxebizitzak eraikitzeko, eta horrek migrazioa handitu du. Chukki Nanjundaswamy, Amrita Bhommi agroekologia eskolako koordinatzaileak, Karnataka eskualdean landa husten ari dela eta gazteek nekazaritzan sinesteari utzi diotela dio.
Halere, India laborari herrialdea da oraindik. Biztanleen %65 landa eremuan bizi da eta, guztiz edo neurri handi batean, nekazariak dira. Baina independentzia garaian %80 ziren; beheranzko joera argia da.
Dirurik gabeko ekonomia
Egoera okerra zen, baina gobernuak azaroan hartutako erabakiaren ondorioz nekazariak are egoera larriagoan daude orain. Diru beltzarekin amaitzeko aitzakiaz gobernua billete zahar gehienak merkatutik kendu eta berriak inprimatzen hasi zen, baina askoz kantitate txikiagoan, helburua transakzio elektronikoen bidezko ekonomia sortzea delako. Demonetizazioa deitu diote ekonomia txikiak hankaz gora jarri dituen prozesu horri.
Laborari askok ez dakite idazten edo irakurtzen, ez daukate ordenagailurik ez internetik, askotan banku konturik ere ez… Zaila da imajinatzea nolakoa izango den ibilbidea. Lehenengo ondorio latzak berehala etorri ziren: kalean dirurik ez, banku eta kutxazain gehienak itxita, ilara amaigabeak egunean baimenduta zeuden 2.000 errupia lortzeko, hamabost euro gutxi gorabehera. Komunikabideetan hirietako irudi dramatikoak azaltzen ziren, baina landa eremuan arazoa larriagoa zen, herri banku kooperatibo gehienek ez baitzuten dirurik. Egoera horrek azaroa eta abendua bitartean iraun zuen.
Indiako nekazaritzaren krisian emakumeak ikusezinak dira, estatistikek eta jendarteak ez ditu laboraritzat, animalien eta hainbat uztaren arduradunak badira ere. Ez omen dute krisia jasaten, eurek bakar-bakarrik egiten dituzten zaintza lanak halako egoeretan biderkatzen diren arren: gaixotasunak, gosea... Testuinguru horretan, ez dago emakumeen suizidio tasei buruzko daturik. (Arg.: Esti Redondo)
Azaroa uzta garaia da, hilabete horretan lortzen dute familiek urterako dirua, baita hurrengo ereiterako behar dutena erostekoa ere. Eskuartean diru fisikoa behar dute. Baina halakorik ez zegoen eta norbaitek baldin bazeukan ez zegoen gastatzeko prest. Denda txiki gehienak hainbat astez itxita egon ziren. Elikagaien prezioak jaitsi behar izan zituzten, ia oparitzeraino, inork ez zuelako erosi nahi. Askok udako uztaren dirua galdu dute eta ezin izan dute neguko uztan inbertitu.
Badago bere buruaz beste egiten ez duenik
Norberaren buruaz beste egiteko arrazoia dirua dela esatea azalpen azalekoegia ematea litzateke, nekazari mugimenduen ustez. "Konponbidea sistema osoa aldatzea da", diote. Gobernuari bidezko salneurriak, inportazio merkeekin amaitzea, zorra barkatzea, hondamendi naturalei aurre egiteko laguntzak eta abar eskatzen dizkiote, baina neurri horiek, beharrezkoak izanagatik, epe laburrekoak direlakoan.
Arazoari errotik heltzeko "elikadura burujabetzaren bidean jarriko gaituen agroekologian" oinarritzea galdatzen dute. "Ekoizpen sistema autonomoak behar ditugu, kanpoko intsumorik behar ez dutenak, kalitatezko uztak izateko eta indiar familiak elikatzeko".
Konpainia handien menpe ez daudenek prezio hobean ekoizten dute, ez dute zorrik eta ez dute beren buruaz beste egiten, La Via Campesinaren esanetan
Gobernua oso bestelako bideetatik doala salatzen dute. Darmendra Kumar BKUko kideak dioenez, agintarien apustu berriena "nekazaritza adimentsu guneak" dira, pestizida ekoizleek diruz sustatutakoak. "Asmakizun hori zenbat pozoi erabili behar dugun esaten digun teknologian datza", dio Kumarrek. Nekazarien arazoak konpontzeko baino, menpekoago bihurtzeko balio duen erreminta da haren iritziz.
Chukki Nanjundaswamyren hitzetan, "itxaropena nekazaritza alternatiboa da, ekonomia alternatibo baten barruan. Hori da gure apustua; horretan dabiltzanek ez dute beren buruaz beste egiten". La Via Campesinak zabaldutako datuen arabera, konpainia handien menpeko ez direnek askoz prezio hobean ekoizten dute eta bizitza kalitate handiagoa dute, zorrik gabe. Salmenta sare lokaletan antolatzen dute, eta ez dute dirurik galtzen inportazioen erruz. Urtetan ura jaso eta gordetzeko bideak garatu dituztenek, bertako aldaerekin lan egiten dutenek, lehortea pairatzen duten elikagaiekin ari direnek… bizitzeko adina ateratzeaz gain, klima aldaketari aurre egiteko aukera gehiago dute. Eredu hori zabalduz suizidioak iraganeko kontua besterik izan ez daitezen eginahalean dabil La Via Campesina. | news |
argia-115fe8572f14 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/egungo-ikurren-legea-ordezkatuko-du-aldaketaren-gobernuak-nafarroan.html | Egungo ikurren legea ordezkatuko du aldaketaren gobernuak Nafarroan | ARGIA | 2017-02-07 00:00:00 | Egungo ikurren legea ordezkatuko du aldaketaren gobernuak Nafarroan
Nafarroan 2003tik indarrean dagoen Ikurren Legea baliogabetu egingo du foru gobernuak, hura sostengatzen duten lau indarrek (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra) hala adostu eta gero. Zigorrik eragingo ez duen lege berria sortzeko prozesu parte hartzailea iragarri dute.
Indargabetuko den legeak isunak eta bestelako zigorrak aurreikusten ditu legearen testua bertan Nafarroako "berezkotzat" onartuta ez dauden banderak eraikin ofizialetan paratzen dituztenentzat. Funtsean, ikurrina udalen balkoietan jartzea eragozteko UPNk bultatutako araua da, eta hainbat jazarpenen iturri izan da indarrean sartu zenetik.
Erakunde publikoek legez erabili ahal izan dituzten banderak Nafarroakoa, Europar Batasunekoa, Espainiakoa eta udalarena izan dira. Aldaketaren lau alderdiek bestelako ikurren erabilera normaldua bermatu nahi dute legea aldaketarekin; eta bereziki ikurrinarena. "Identitate guztiak kontuan izatea" izango da helburua, haien esanetan.
Adierazi dutenez, beste ikur lege bat sortzeko parte hartze prozesu bat jarriko dute abian. Aurretik, ordea, oraingoa kentzeko prozedurari ekin beharko dio gobernuak. Indargabetzea hilabete edo hilabete eta erdian burutzea espero dute. Legerik gabeko bitartean, Foru Hobekuntzak dioena izango da araua. Alegia, Nafarroako ikurrak armarria –"antzinako Nafarroako Erresumaren sinboloa"– eta erdian armarri hori duen bandera gorria direla. | news |
argia-b7f9cf44ec19 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/kalejira-biziak.html | Kalejira biziak | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2017-02-19 00:00:00 | Kalejira biziak
Bonberenea Txarangak Tolosako inauterietako betiko lau txaranga pieza jotzen ditu bere lan berrian, imajinazio handiarekin, grinarekin, gatzarekin eta piperrarekin, ohi duen bezala, eta jai-giroa eta alaitasuna oso ongi transmititzen du. Burundiana, Galtzaundi, Peillo zili zili eta Baraceko pikua dira lau piezak, kalejiran ibiltzeko aproposak. Hamar hazbeteko binilozko disko batean eta CD batean entzun daitezke, biak ala biak baitaude Berriozar lanaren karpetaren barruan.
Bonberenea Txaranga ez da ohiko txaranga bat. Musikariak gazteak dira, bihurriak, eta trebeak. Ongi sinkronizatuta jotzen dute. Beren kantuak konposatzen dituzte, eta rock talde ezagunen bertsioak ere egiten dituzte. Disko berrian, beren ukitu bereziarekin interpretatu eta berritu dituzte inauterietako abesti batzuk. Doinuetan, besteak beste, jazz, flamenko eta musika garaikide aireak antzeman daitezke ohiko txaranga doinuekin eta erritmoekin uztartuta.
Grabazio saioetan, musikari hauen laguntza izan dute: Natalia Garmendia eta Elsa Nguema (ahotsak), Iker Pando (gitarra) eta Aritz Jupur (sintetizadorea). Karlos Osinaga arduratu da grabazioaz eta nahasketez, eta Jonan Ordorika masterizazioaz. Ekoizpena ederki egin dute. Halaber, diseinu lana ere aipagarria da, ikusgarria. Jon Arruabarrenak eta Imanol Urizarrek egin dute. Zaharra eta berria nahastu dute, oso umore onarekin.
Bonberenea Txaranga duela hamalau urte sortu zen. Berriozar bere bosgarren diskoa da, eta Bonberenea etxearen 20. urteurrena ospatzeko plazaratu du. Bere aurreko diskoak dira Bihar ez da gaur (2014) , Pirritx, Porrotx eta Marimotots & Bonberenea Txaranga (2011), Rocka ta urrezko komona (2008) eta Bonberenea Txaranga (2005). Pirritx, Porrotx eta Marimotots & Bonberenea Txaranga lanean CDaz gain DVD bat ere badago, eta beste DVD bat ere kalean badu, Bonberenea Txaranga 2003-2013 Etxean, zuzenean! (2013), 10 urte bete zituenean osatu zuena. Bonberenea Ekintzak zigiluarekin argitaratu ditu lan horiek guztiak. n | news |
argia-3accb712077b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/zuzen-kataluniako-errepublikarantz-edo-prozesismoan-barna.html | Zuzen Kataluniako Errepublikarantz... edo 'prozesismoa'n barna? | Xabier Letona | 2017-02-19 00:00:00 | Zuzen Kataluniako Errepublikarantz... edo 'prozesismoa'n barna?
Katalunia bete-betean sartu da erreferendumaren fasean. Espainiak dio ez dela egingo, Generalitateak baietz. 155. artikulua ere mahai gainera ekarri du Madrilek. Kataluniak Deskonexio Legea. Eta giroa epikaz janzteko: Artur Masen itzulera, oraingoan auzitegietatik barna. Prozesismoaren kapitulu bat gehiago, dio hainbatek.
Urtarrilaren 28an ireki zen Kataluniak bizi duen egoeraren ate berri hau: CUPek Generalitatearen 2017ko aurrekontuak onartu zituen eta horrekin abiarazi zuen erreferendumaren aroa. Hainbaten ustez prozesu soberanistaren hirugarren aroa litzateke. Lehena 2014ko azaroaren 9koa izan zen eta bigarrena 2015eko hauteskunde plebiszitarioak.
Erreferendumaren korridorean sartu da, beraz, independentzia prozesua, baina inork ez daki oraindik berau egingo den eta egiten bada loteslea izango den, Generalitatetik eta Kataluniako Legebiltzarretik adierazten den moduan. Ez dago behar besteko konfiantzarik soberanismoan, hori goitik behera sinesteko. Carles Puigdemont lehendakaria, dena den, Artur Mas baino askoz argiago hitz egiten ari da gaiaz eta urtarrilaren 24an Europako Legebiltzarrean emandako hitzaldian ere halaxe egin zuen: "Erreferenduma egin egingo dugu, bai ala bai, Estatuaren baimenarekin edo gabe eta %50 + 1arekin irabazten badugu, independentzia aldarrikatuko dugu". Ozenago bai akaso, baina argiago ezin da esan.
Argazkia: ANC
Konstituzioaren 155. artikulua
Behin erreferendumerako atzerako kontaketa hasita, Espainiako Gobernuak gogor ekin dio erasoaldi politikoari, eta orain arte bezala kontsulta ez dela egingo iragarri du tinko. Rafael Catalá Espainiako justizia ministroak argi adierazi du autonomia Konstituzioaren 155. artikuluaren bidez bertan behera utzi beharko balitz, hala egingo dutela. Espainiako historia ezagututa, Luis María Ansón ABC egunkariko zuzendari ohiaren berben mehatxua larriagoa da: "Beldurra ematen du pentsatzeak Espainiako Historiaren orrialdeak ostera ere odoletan eror daitezkeela". Tankerako adierazpen eta esamoldeak aspaldi ez bezala barreiatu dira Espainiaren aktualitate politikoan.
Prozesismoa
Ateak zabalik dira bai, baina Katalunian askori kosta egiten zaio sinestea gauzatuko denik. Baita soberanismoaren barruan ere. 2014ko azaroaren 9ko adibidea hor da. Loteslea izan behar zuen, baina azkenean "partehartze prozesua" izan zen; ez zen ofiziala izango, baina "erreferendumaren balore politikoa izango zuen", Masen esanetan; independentzia aldarrikatu beharrean, ordea, hauteskunde plebiszitarioak egin ziren.
Eta hala ere gertaera handia izan zen hura. Independentistek, oro har, urrats oso garrantzitsuak ematen ari direla sentitzen dute, baina bada ere ezkortasun maila bat esandakoak betetzen ez direlako, edo erdizka betetzen direlako.
Egoera horri, prozesismoa deitzen diote askok. Joger Palá "El Critic" webguneko koordinatzailea da esamoldearen asmatzailea eta berak bi zentzu ematen dizkio: batetik, hor dago beti Prozesua, beti aurrera, baina bere helburuetara inoiz heldu gabe, hainbat egoera estaliz eta egoera hori etengabe luzatuz; bestetik, indar metaketa garai moduan ere uler liteke, Prozesuaren garaia da hau, indar soberanistek beren helburuetara iristeko hainbat saio eta molde erabiltzen ari diren garaia.
Masen itzulera epikoa
Doinu epiko handia izan du Artur Mas lehendakari ohiaren itzulerak politikaren lehen lerrora. Egia esan, lehenbiziz gertatzen da halakorik Estatuan, ez da txantxetakoa Espainiako Justiziak autonomia bateko lehendakari ohi bat epaitzea. Eta oso nabarmentzekoa, halaber, 50.000 pertsonak laguntzea hiru auzipetuak –Artur Mas, Irene Rigau eta Joana Ortega– auzitegietako ateraino.
Lehen lerroan Joana Ortega, Artur Mas eta Irene Rigau (Arg.: ANC)
"Kalean harro, baina epailearen aurrean otzan" diote unionistek; "Herri bat du atzean", independentistek; eta badira elkartasuna adierazi bai, baina zale ez direnak ere: "Epaimahaiaren aurrean desobedientzia ekintza hura ez onartzea ez da defentsa estrategia egokia", azpimarratu du CUPek. Masek bere gain hartu du erreferendumaren erantzukizun politiko osoa, baina ihes egin dio erantzukizun juridikoari: Masen erranetan "Konstituzio Auzitegiak ez zien agindu zuzenik eman erreferenduma geldiarazteko" eta, beraz, ez zuten ezer desobeditu.
Inhabilitazioa ez litzateke txantxetakoa Mas eta PDECat bere alderdiarentzat, eta aukera horrek hainbat mugimendu azkartu ditzake xake jokoan. Baina independentismoak dioenez, Katalunian Masen inhabilitazioa baino garrantzitsuagoa izango litzateke Carme Forcadell kargugabetzea, azkenean Masek orain ez duelako kargurik eta Forcadell Legebiltzarreko lehendakaria delako.
Denetarik entzun eta irakur daiteke Kataluniako egoeraz eta kontu askorekin ibili behar da bata ala bestea xurgatzerakoan, baina badira joera nagusi batzuk aurrera begira; bestelakoa izango da betetzen diren ala ez. Joera horietan Forcadellen inhabilitazioa gauzatutzat ematen da, eta erantzun gisa independentismoak erreferenduma uda aurrera ekar dezake. Generalitateak ere publiko esan du hori aukera bat litzatekeela.
Instituzioak behar dira erreferenduma antolatzeko eta irailera arte itxaronez gero, independentistak instituzio barik gera litezke erreferenduma egiteko; eta ondoren independentzia aldarrikatzeko, hori baita baiezkoak aise irabazi ondoren egin beharreko hurrengo urratsa.
Deskonexiorako Legea
Abenduaren amaieran iragarri zuten Junts Pel Sí eta CuPek Deskonexiorako Legean akordioa erdietsi zutela. Erreferenduma bezain giltzarri da atal hau eta haren segidan jarri beharko da indarrean. Nahiko aurreratua ei dago eta uztailaren 1erako guztiz prest egongo da. Bere helburua da hutsune juridikorik ez uztea autonomiatik Kataluniako Errepublikaren bidean. Funtsean, lege hau indarrean sartzea independentzia aldarrikatzea da. Hala dio bere lehen artikuluak: "Kataluniak Errepublika demokratiko eta sozial gisa eratu du bere burua".
Akordioa iragarri zenean legearen hezurduraren bederatzi titulu nagusiak ere eman zituzten: "xedapen orokorrak; nazionalitatea eta lurraldea; ordenamendu eta administrazioen segida; eskubideak eta betebeharrak; sistema instituzionala; botere judiziala eta justizia administrazioa; finantzak; independentzia erreferenduma; prozesu konstituziogilea; eta amaierako xedapenak eta aplikaezinak".
Eta debekatzen delako erreferenduma egiten ez bada? Orduan independentismoak horretan oinarrituko luke Deskonexio Legea indarrean jartzeko bere legitimitatea. Beraz, datorren udan edo udazkenean lege hori indarrean sartuko litzateke bai ala bai, autonomiak indarrean irauten badu bederen.
Funtsean, soberanismoak pentsatzen du errepresioaren bideak jende asko ekarriko duela bere esparrura, batez ere udaberri honetan politikoki eratuko den En Comú esparrukoak. Erreferendumari begira, espazio hori edo haren zati handi bat bereganatzea da independentisten egungo erronkarik handiena kontsultaren arrakastari begira.
Erreferenduma eta Deskonexio Legearen artean hauteskunde aurreratuak egitea ere ezin da baztertu, batez ere erreferenduma egiteko aukerarik ez badago. Horra begira legoke Masen oraingo irudi metaketa, Puigdemontek iragarria baitu bere ez dela izango berriz lehendakari. Egungo inkestek, ordea, bosgarren lekuan jartzen dute PDECat. Jordi Pujol lehendakari ohiak, esate baterako, Oriol Junqueras ikusten du lehendakari, batez ere Mas inhabilitatzen badute: "Orduan bereak egin du", dio hainbat gazterekin egindako solasaldian.
Lehendakari gabeko zerrenda
Enric Juliana moduko analistek argi ikusten dute ez dela erreferendumik egingo eta hauteskundeak aurreratuko direla berriz ere. Baina oraingoan oso gaitza litzateke Junts Pel Sí-ren jokaldia errepikatzea eta bakoitza bere siglekin joango litzateke hautetsontzietara. Azken bala gisa, ordea, independentismoari beti geratuko zaio "lehendakaririk gabeko zerrenda" , dagoeneko hainbat erakundek 2015eko iraileko hauteskundeetarako proposatu zutena, baina indar aski izan ez zuena: independentismo osoa aurkeztuko litzateke zerrenda bakarrean, baina hau pertsona ezagunez osatua legoke eta ez politikariez.
Gehiengo osoa lortuz gero, ordea, lehendakaria izendatu beharrean, Legebiltzarra desegin eta hauteskundeak deituko lirateke berriz; eta orain bai, alderdi bakoitza bere proiektuarekin aurkeztuko litzateke. Erreferendumaren gisakoa litzateke lehena eta hauteskunde konstituziogileak bigarrenak. Eta guztia Espainiarekiko izan daitekeen enfrentamendu gogorra saihestuta.
Legitimitate talka agerian da zeruertzean, baina ezin jakin nola lehertuko den: Espainiak estatu indartsu baten tresneria osoa du, bere zuzenbide estatuaren indarra; Kataluniak herritarren legitimitate demokratikoa. Independentistak legitimitate hori handitzen dela erakusteko gai diren neurrian, Errepublika berria gertuago izango da. Egungo egoera asko luzatzen bada, independentismoa higatu egingo da. | news |
argia-f90dfd546b13 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/alegiazko-ahalegina.html | Alegiazko ahalegina | I�aki Murua | 2017-02-19 00:00:00 | Alegiazko ahalegina
Egoera berriek besteen pausoari segi ezinean uzten gaituzte batzuetan. Halere, gure ezinaren zergatia ulertzen dugun bitartean konponbidea aurki dakioke, horretarako, interesa, gogoa, nahia eta ahala jarriz. Baina askok, hainbat gertaera, barre egin eta atzera geratu den jendeari buruzko pasadizo xelebreak entzuten diren erosotasunez irensten ditu. Niri, ordea, garai batekoek ez zekiten hura ikasteko ahaleginean, haien pasadizoak pasa, esperimentatu, bizi… beharreko kontuak iruditzen zaizkit.
Horregatik, kontatu egiten ziren besteek ere jakin zezaten, eta egun, zuzenketari tokia eta denbora eskaini beharrean, paso egiten zaio behin eta berriz akats berberak errepikatzeko bidea eraikiz, edo hau da niri gertatzen zaidana. Nirea bakarrik ote da arazoa? Nik ote dut pausoa segi ezina?
Gabiriar bat Ordiziara joan omen zen feria asteazken batean, orduan etortzen baitzen okulista, eta eroso eserita zegoela hasi zaio ezkerreko begian lenteak probatzen eta aldatu, probatu eta segi behin eta berriz. Beste begian ere gauza bera eta ia ordu erdiz aritu ondoren, okulistak dio "zuk bista ederki daukazu eta, zertarako behar dituzu antiojoak?". Eta gabiriarrak aulkian goxo zetzan tokitik "nik ere badakit bista ondo daukadala, emaztearentzat behar ditut nik antiojoak!".
Garai hartan amonak, aitonak, amak… antiojo pare bera erabiltzen zuten, hori bai, sudurrean aurrerago edo atzeraxeago, neurria ongi zehazturik. Horrela uler daiteke aipatu pasadizoa eta hori betaurrekoekin bakarrik gertatzen zela, ez dentadura edo hortzeriarekin, adibidez.
Beste batean, Beasaingo antzokian, betiko butakak aldatu eta berriak jarri zituztenean, lehenengo egin zen bertso saioan, betiko bertsozale ezagun bat saiora joan eta butakaren eserlekuari behera eragin eta esertzen hasi da baina hura berriro goian. Atzeko ilarako gazte koadrilari begirada zorrotza bota eta berriro behera bultzatu baina, lehengo erantzuna, berriz ere goian ipurlekua. Bigarrenean, gazteei zital, "zer, haserretu egin behar al diau?". Gazteak apenas kontzentratu ziren saio hartan behintzat!
Ikasleei antzeko pasadizoak kontatzean sekulako algarak egin baina alegiazko ipuin gisara hartzen dituzte, nahiz eta garaiko egoeraren logikatik ulertarazten saiatu. Aurreko bi protagonistek, ordea, egoerak ulertu eta gainditu zituzten, seguru!
Aldiz, idazlanetan egiazko alegiak behin eta berriz datozkit, sano-sano. Hona adibide batzuk:
– "Txoriek umeak egiten dituzte urtero". Adibideak jarri ordez, habi-bideak erakustea hobe!
– "Ardiaren senarra da aharia" Zikiroa zer ote da, koinatua?
– "Behia haurdun dago… eta semea jaiotzen denean ama eta aitarekin biziko da...". | news |
argia-7c5a5e4e4e08 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/garbiketa-etxean.html | Garbiketa etxean | Angel Erro | 2017-02-19 00:00:00 | Garbiketa etxean
Hainbat egunez etxeko garbiketa sakon bati ekin eta gero, iritsi naizen ondorioen bilketa ez zorrotz hau egin dut:
Asko falta zaidala oraindik.
Ez nago prest oraindik urteetan zehar pilatutako nire liburuei uko egiteko, bai ordea paper, folio eta apunte pila bati, garbitzen orduak eta egunak pasa ahala gero eta damu gutxiagoarekin. Amaitutakoan prestago sentitu naiz nire liburuei ere, haien ehuneko txiki bati behintzat, uko egiteko, ordurako gehienak kutxetan ez baleude, eta ni lur jota.
Paper, folio eta apunte horiei gainbegiratu azkarra eman ondoren, begien bistakoa da hortik ez dudala gauza handirik berreskuratzerik izango. Ez dago, konparazione, idazki hau hutsetik egin behar izatetik libratuko nauen material berrerabilgarririk. Halere, azterketa zorrotzago edo behar larriago baten zain, salbagarriena bereizi dut, hiru karpeta lodi beteta.
Egunkari guztietako ideologia ere horitzen da. Notizia zaharrek –1997ra arteko berripaperak aurkitu ditut armairu goialde batean– oraindik balio dute leihoetako kristalak garbitzeko. Barka diezadatela dagoeneko gure artean ez dauden zutabegileek, ezinbesteko ospetsuek eta legez kanpo utzitako edo porrot egindako kazetek ere.
Lagunak izatea gauza handia da. Entzun nahi ez duzuna esateko prest dagoena da laguna. Dagokigun kasuan: "Ez engainatu heure burua, hori ez duk sekula putan erabiliko" bezalakoak esango dizkizuna.
Zakarretara botatzetik libratzen duzun gauzaki bakoitzari, salbatzearekin batera, isilean kalkulatzen diozu noiz arte salbatzen duzun ere. Atzerapena baino ez dela badakizu. Garbitu ondoren, etxean duzun guztia behin-behinekoa da, guztia, orduz geroztik berri erositakoa izan ezik, hori betirako baita, jakina.
Moda, denbora neurgailu gisara behintzat, ez datzala bakarrik, eta beharbada ezta nagusiki ere, jantzietan, nola egiaztatu ahal izan baitut helduentzako aldizkari zaharren sorta txiki bat topatu eta lagun batek, oso iruzkin mamitsuekin, barruan agertutako gizabanako biluziei begira ez besterik, argazkiak zehaztasunez datatu ahal izan dituenean arropa ez beste ezaugarri edo nolakotasunei erreparatuta.
Aurreko puntuarekin lotuta: nire hobespen erotikoen bilakaerak eta material horren (edo oso antzekoaren, edo are hobearen) eskuragarritasun eta doakotasunak –zentzu horretan, ikaragarria da zenbat ordaintzeko prest egon naizen, ez bakarrik dirutan, baita kioskoko saltzaileen aurrean pasatutako lotsan ere bai, haragi inprimatuaren truke, edo, nola begiratzen den, zenbat debaluatu zaigun sexua– ez du saihesten aldizkariok atxiki nahi izatea.
Ez dago auzokide bati susmagarriagoa gerta dakiokeenik auzotar bat egun berean behin baino gehiagotan zakarrak ateratzen ikustea baino. Aukera emanez edo izanez gero, hizketan hasiko zaizu eta disimulurik gabe ahaleginduko da solasa zure etxe-aldatze balizkoaren gaira eramaten, hain etsituki, ezen zaila egingo zaizun itxaropentsu ala atsekabetuta galdetzen dizun bereiztea, edo soil-soilik giza naturaren gaineko interes gizatiar bezain natural batek bultzaturik.
Edukiontzitik itzulian, berriro poztu naiz horra ezer pornografikoa bota ez izanaz, auzokideak informazio gehiago biltzeko edozer gauza egiteko, edonon arakatzeko, prest irudikatzen ahal dudalako.
Garbiketaren emaitzak, dena txukun ikusteak ematen duen atseginaren handiak zerikusi zuzena du garbiketa egon gabe luzatutako denborarekin, pertsona zabarrak egonarri handiko hedonistak baino ez direla sinesteraino. | news |
argia-713e14c289bc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/abiadura-handian-doa-esplotazioa.html | Abiadura handian doa esplotazioa | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2017-02-19 00:00:00 | Abiadura handian doa esplotazioa
"Trenbidea, autobia, tunela eta zubia. Gehiegi gustatzen zaigu abiadura handia. Abiadura handia tunela eta zubia!". Honela dio Gu ta Gutarrak taldearen kopla batek. AHTren obretako langileen esplotazioa eta hondeamakinen atzean ezkutatzen direnak kaleratzeko asmoz ARGIAn duela gutxi ireki den Zuloan blogari buruzkoak kontatzera natorkizu, irakurle.
ELAren Manu Robles-Arangiz fundazioko kideekin elkarlanean bideratutako bloga da, eta bi helburu garbi ditu: batetik, AHTren aktualitateari jarraipena egitea, eta bestetik, obra horietan gertatzen diren lan-esplotazioen inguruko testigantzak eta datu berriak biltzea. Euskal Herrian inoiz egin den garraio azpiegitura handiena da AHT. Duela hamar urte hasi ziren eraikitzen, orduz geroztik lan-istripu ugari izan da bertan, eta gutxienez zazpi pertsona hil dira lan horietan.
Geldirik egondako zati batzuen eraikuntza lanak martxan jarri dira berriz ere, eta Madrilen eta Gasteizen artean beste hainbat zatiren negoziaketak berpiztu direla dirudi. Eta Nafarroan ere lehenengo trenbide proiektuaren porrotaren ondotik itxura denez mugimenduak hasita daude berriro ere.
Baina tunelak gehiago dira zubiak baino makro-proiektu honetan. Ilunak argiak baino gehiago. Informazioa jasotzea batzuetan zaila den arren, ikerketa kazetaritza izango da blog honen oinarria, eta dagoeneko hasi da bere lehen fruituak ematen. Hernaniko zatiko obretan langileek sufritzen duten egoeraren lekuko zuzenak izan dira ARGIA eta ELAko kideak, eta egindako kronikak oihartzun handia izan du. Honek eragin du deserosotasun bat AHTa egiten ari diren enpresetan.
Arrisku egoeren, lan-baldintza eskasen edo irregulartasunen baten testigantza zuzenak eta salaketak ere bildu nahi ditu blog honek, eta norbaitek harremanetan jarri nahiko balu ireki dira [email protected] posta, eta @AHTZuloan Twitter eta AHTZuloan Facebook kontuak. | news |
argia-e0dbd85f4ae9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/goxo-goxo-kontatzekoa.html | Goxo-goxo kontatzekoa | Xabier Etxaniz Erle | 2017-02-19 00:00:00 | Goxo-goxo kontatzekoa
Grufaloa duela ia bi hamarkada argitaratutako obra ezagunaren euskal bertsioa dugu hau. Album honetan basoko animalien istorioa kontatzen da eta bere sinpletasunean, antzinako alegien antza duela esan dezakegu. Ez da, baina, ohiko alegia; edo beste modu batean esanda, narrazioa, erritmoa, ikuspuntua… oso gaurkoak dira eta horrela irakurleak antzinako alegien jakituria jaso dezake baina ikuspegi umoretsu eta gaur egungo baten bidez.
Istorio honetako protagonistarik nagusiena, eta azkarrena, sagu txiki bat dugu:
"Sagu bat baso sakon ilunean ibiltzera atera zen. Azeri batek sagua ikusi zuen, eta goxoa iruditu zitzaion...
– Nora zoaz, sagutxo marroi? Etorri nahi duzu nire gordelekura?".
Azeriaren jakin-minak Grimm anaien otsoarena gogorarazten digu. Eta arriskuaren berri eman ere. Ez da gonbidapen hutsa azeriak egiten diona, irudietan ikus daitekeen bezala sagua jateko gogoa baitu hasiera-hasieratik.
Honek, aldiz, oso modu dotorean uko egiten dio azeriaren "gonbidapenari":
– "Mila esker, azeri, baina ezin dut. Grufalo batekin gelditua nago bazkaltzeko. (…)
– Zer da grufalo bat? (…)
– Letagin izugarriak ditu, atzapar izugarriak eta hortz izugarriak bere aho izugarrian".
Azeriak, jakina, lasterka ihes egiten du hori entzutean. Eta saguak irribarre, sartu dion ziriagatik.
Aurrerago gauza bera gertatuko da hontza eta sugearekin topo egitean. Hauek, saguaren etsai naturalak, korrika aterako dira grufaloaren berri izatean. Eta saguak irribarrez… harik eta benetako grufalo bat aurkitu arte. Eta ba al dakizue zein den grufaloen janaririk gogokoena? Saguak!
Ordura arte bizkorra eta trebea zen saguak, are bizkorragoa dela erakutsiko digu, grufaloa bera ere beldurtzeraino (eta oraingoan irakurle-ikusleen aurpegietan ageriko da irribarrea).
Basoko animaliarik txikiena bere etsai guztien gainetik gailenduko da. Guztiek begiratuko diote errespetuz eta ikara puntu batekin, eta hori guztia burua erabiliz.
Narrazioaren erritmo errepikakorra, pertsonaien urritasuna, protagonisten karakterizazio sinplea bere ekintzen bidez: antzinako herri ipuinetako ezaugarri horiek ditu kontakizun honek. Horiek eta Axel Schefflerren irudien indarra; izan ere, irudiek informazio osagarri ugari ematen dute, istorioa hobeto ulertzen laguntzen eta irakurle-ikuslearengan atsegin handiagoa eragin. Gainera, istorio guztiz aproposa dugu hau umeei kontatzeko irudiak erakusten dizkiegun bitartean; talde handitan edo etxeko goxotasunean ederki gozatzeko moduko istorioa.
Orain bakarrik falta zaigu Bruño argitaletxekoak animatzea eta istorio honen ondorengoa den Grufaloaren alaba ere euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzea. | news |
argia-93916a748be2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/erriberako-eskola-baratzeen-sarea.html | Baratzea hezkuntza tresna | Garazi Zabaleta | 2017-02-19 00:00:00 | Baratzea hezkuntza tresna
Orburuak, zainzuriak eta pikillo piperrak. Nafarroako Erriberaz hitz egitean askori burura etortzen zaizkigun lehen gauzen artean dira barazki gozo horiek. "Eskualde honetan nekazaritza nagusi dela pentsatzen bada ere, errealitatean jendea eta haurrak landa-mundutik geroz eta urrunago daude". Helianto elkarteko Diego Blanco Nayas kidearen hitzak dira. Ingurumenaren eta iraunkortasunaren aldeko baloreak eskualdean zabaltzeko helburuarekin sortu zuten taldea, 2014an.
Eskola baratzeen proiektua
Helianto elkarteak martxan jarritako proiektuetako bat da Erriberako eskola-baratzeen Sarea. Tuterako Elvira España eta Arguedasko eskola publikoei egin zieten baratze ekologikoak sortzeko lehen proposamena. Klaustroen erantzun ona ikusita, iazko kurtsoan txertatu zuten baratzea eskolako jardunean lehen aldiz. 2016ko azaroan Nafarroako Gobernuak emandako laguntza bati esker, orain, eskola-baratzeen sarea zazpi eskola publikotara zabaldu da: Alesbes, Arguedas, Ribaforada, Cabanillas eta Tuterako hiru eskoletara.
Arguedasko eskolan, gainera, "erreferentzia baratzea" ari dira sortzen. Helburua eskola-baratze batek izan beharko lituzkeen elementu guztiak biltzea da, antzeko proiektuak martxan jarri nahi dituzten eskolentzat eredu izateko. Kasik bukatuta dute proiektu hori: negutegia, putzua, lorategi bertikala, belar usaintsuen eta fruta-arbolen guneak, "intsektuen hotela'", konpost kaxak eta klaseak emateko baratzeko gela irekia izanen ditu espazioak.
Baratzea hazten, baratzean hezten
"Eskola-baratzea ikastetxeko beste ikasgela bat bezala ulertzen dugu, ikasleek gaitasunak eta balioak jasotzen dituzten toki bat". Inguru politean egonen den ikasgela da sarearen planteamendua, espazio desberdina eta atsegina. Blancoren arabera, baratzeko ikasketa bi ataletan banatu daiteke. Ikasleek baratzea lantzen hartuko luketen trebetasuna dago batetik (nekazaritza ekologikoko irizpideak erabilita), eta bestetik, baratzeak hezkuntza tresna bezala betetzen duen papera: elkarbizitza, autonomia, elkartasuna edo talde lana bezalako balioak lantzea, alegia.
"Helburua agroekologia kontzeptutik harago doa: elikadura burujabetza, biodibertsitatea edota energia burujabetza lantzea ere bada asmoa", azaldu digu Heliantoko kideak. Ingurumenaren gaineko kontzientzia hartzeko ikasgela bat izatea baratzea, azken batean. | news |
argia-14ee09a41445 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/cheikhouna-auzoan-nahi-du-iruneko-txantreak.html | Legea versus humanitatea | Xabier Letona | 2017-05-28 00:00:00 | Legea versus humanitatea
Cheikh Dieng da bere izena, 'Cheikhouna' deitzen dute. Espainiako Estatutik kanporatzea berretsi zuen Nafarroako administrazioarekiko auzien 2. epaitegiak maiatzaren 9an. Edozein unetan, poliziak atxilotu eta kanporatu dezake Iruñetik, Txantreatik, berak horrenbeste maite duen bere auzotik.
2015etik dago kanporatzeko soka lepo inguruan duela, baina helegitearen zain zegoen. Orain etorri da ebazpena eta soka lepoa estutzen ari zaio; mina du, nabari zaio, eta hala ere irribarre egiten du: "Zortea izango dudala pentsatu behar dut, zortea"; gainean zorigaiztoa duenak elkarrizketan zehar hainbatetan aipatuko duen hitza, zortea.
Txantrea ondoko Antsoainen kaleko saltzaile ari zela hasi zen egungo amesgaiztoa, 2015eko abenduaren 22an: "13:00ak ziren, taberna batera sartu nintzen eta hiru polizia sartu ziren nire atzetik, uste dut jarraika ari zirela; paperak eskatu zizkidaten eta ez nituen. Atxilo eraman ninduten eta sei ordu egin nituen komisaldegian. Kanporatze aginduarekin atera nintzen handik".
Orduan jarritako helegitea da orain ebatzi dena. Epaia eman zenetik hamabost egun ditu helegitea jartzeko eta abokatuak epea agortuko du egoera luzatzeko. "Baina arriskuan nago hala ere; nire ezagun asko kanporatu dituzte helegitearen zain zeudela".
Hamar urte dela bizi da Cheikhouna Iruñeko Txantrea auzoan eta bizilagunek sarri erakutsi diote euren elkartasuna. (Argazkia: Josu Santesteban)
Lana-agirien buklea
Denbora behar du, urri den denbora. Lana lortzen badu agiriak lor ditzake, legaltasuna, eta horrela kanporatzea saihestuko luke. Baina ez dago lana bilatzerik agiririk gabe: horra legez kanpoko migratzailea galtzen den labirintoa. Baina Felipe Castellek dioskunez, badu irteerarik: "Zaila, baina posible da agiririk gabe lana lortzea, lehenik behin-behineko lan-hitzarmen bat lortu behar da. Horretan ari gara buru belarri, erlojuaren kontra". Felipe ere elkarrizketara etorri da, alde guztietara laguntzen duen Txantreako Cheikhounaren lagunen taldekoa da.
Txantrean dagoeneko egin dira hainbat ekimen duela hamar urte bertan bizi den bizilagunaren alde. Azkena maiatzaren 7ko manifestazioa izan zen, non mila bat pertsona bildu ziren bere kanporatze aginduaren aurka. Hunkituta ageri da senegaldarra auzoak ematen dion sostenguarekin. Ez da ohikoena, oro har, immigranteak bakardadean egin behar ei dio aurre kanporatze aginduari, ohikoan SOS Arrazakeriak lagunduta, baina ez auzo oso bat atzean duela. "Sostenguagatik hunkituta, lagun batek negar egin zuen manifestazioan", diosku Cheikhounak. Azken agerraldi hartan Senegaleko komunitateko kide ugari agertu ziren; ohi baino gehiago, haiek ere beldur dira eta. "Auzoan indartsu sentitzen naiz, beti laguntzen naute, beti eman didate sostengua, nire familia dira. Auzoarekiko esker ona besterik ez dut", dio tinkotasunez.
Touba-Iruñea
Touban bizi zen Cheikhouna, milioi erdi biztanle pasatxo duen Senegaleko bigarren hiririk handienean. "Ehungintza enpresa batean egiten nuen lan gurasoak laguntzeko, arropa josten, baina ez nuen diru nahikorik eta alde egitea pentsatu nuen".
Senegaldik 2006ko irailaren 9an atera zen. "Ostirala zen eta kayukoan irailaren 20an itsasoratu ginen". Eta gurasoak? "Ez zekiten ezer, aitak beti esaten zidan ez sartzeko kayuko batean, eta egia esan, nik ez nuen hori buruan. Baina egun batean aukera izan nuen eta aitari esan nion kanpora nindoala egun batzuetarako, festa batera, eta itzuliko nintzela. Gezurra zen, jakina".
"87 bat pertsona ginen kayukoan eta hamargarren egunean erregairik gabe gelditu ginen itsasoan. Arrantzontzi espainiar batek ikusi gintuen eta Gurutze Gorrira deitu zuen. Azken hauek erreskatatu gintuzten eta Tenerifera eraman, irailaren 30ean. Guztiak iritsi ginen onik. Handik Madril ondoko Miraflores herrira bidali gintuzten, eta 27 egun egin genituen migratzaileentzako zentro batean. Libre utzi gintuztenean nik Madrilera jo nuen kale saltzaile moduan, baina poliziak hainbatetan gelditu ninduen eta erabaki nuen alde egitea handik".
Lagun bati galdetu zion: "Aizu, inguruko zein herritara jo dezaket arazorik ez izateko?". "'Hemendik gertu daukazu Euskal Herria, iparraldean da eta euri asko egiten du', erantzun zidan hark, eta hala etorri nintzen hona, 2006ko abenduan". Sumatzen duzu arrazakeriarik hemengo kaleetan? "Arrazakeria alde guztietan dago, baita beltzen artean ere, baina hemen auzoan nik ez dut halakorik sumatu".
Telebistan Europaz ematen den irudiak izan ote zuen eraginik bera Europara erakartzeko? "Ez, han dirua dutenek ikusten dituzte Europako kanalak, baina nik ez. Bizitza aldatu nahi nuen eta pentsatzen nuen Europara iritsi, lan egin eta lortuko nuela hori, baina ez, etsigarria izan da. Kale saltzaile aritu behar duzu, beti agirien atzetik lana lortzeko, eta oraindik ez ditut lortu. Hala ere, borrokan jarraitzen dut". Agiriak lortzen dituenean itzuliko da Senegalera familia bisitatzera, baldin eta aurretik hegazkinean sartu eta kanporatzen ez badute. Badu harremanik familiarekin, "telefonoz baino gehiago whatsappez, doan da eta".
Iruñeko Udalak aho batez aldarrikatu du Cheikhounak Iruñean bizi behar duela. (Argazkia: Josu Santesteban)
"Cheikhounarekin dagoen hori"
Elkarrizketaz elkarrizketa ari da, bere kasua oso ezaguna egin da Euskal Herri osoan, eta urduri da, nahastuta ere bai zurrunbiloan. Elkarrizketaren amaieran Diario de Navarra- ko kazetari batek deitu dio elkarrizketa egiteko. Maiatzaren 8an Joseba Asiron Iruñeko alkateak hartu zuen. Egoeraren gorrian ez da umorerik falta eta alkatearekin egindako argazkia prentsan ikustean laster hasi zen entzuten Txantrean: "Aizu, nor da Cheikhounarekin dagoen hori?" .
Ataka estuan bizi da senegaldar-txantrearra, hegazkinaren eskailerak buruan dituela. Auzoan 10 urte erabat integratuta egoteak ezer gutxi balio dio agirien sistemari, batez ere beltza bazara. Beste behin ere legaltasuna humanitatearen gainetik jarri dute epaitegiek. Cheikhounak lan bila jarraitzen du eta badu auzotarren laguntza horretan, baina auzitegien agindua ere hor da, edozein unetan bere gainean erortzekotan. Nor iritsiko da lehenago, lana ala polizia? Egoera horretan irribarre nola egin litekeen ulertzea ere ez da samurra. Berak argi du, edozein kasutan, zorte bila jarraituko du. | news |
argia-ef07f3cbdfaf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/karrantza-behi-lurraldea.html | Karrantza, behi lurraldea | Josu Trueba Leiva | 2017-05-28 00:00:00 | Karrantza, behi lurraldea
150 inguru behi hazle daude Bizkaian, horietatik 110 udal bakarrean: Karrantza. Bizkaiko udalerririk zabalenean 2.700 lagun bizi dira. Horiekin batera 13.000 behi, 8.000 esnetarako. Denbora luzez etorkizun beltzeko negozioa izan da esne ekoizpena, nahiz eta panorama azken hilabeteetan argitu egin den. Karrantzako behi hazleak dira, egun, etekin handiena lortzen dutenetakoak, nagusiki Bizkaia Esnea eta Euskal Herria Esnea markei esker. Mehatxua Soriatik dator. Han egin nahi duten 20.000 buruko etxalde erraldoiak merkatua leherraraziko luke eta, seguruenik, oraindik guztiz itzali ez diren borrokak berpiztu. | news |
argia-a2503ca5f037 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/salaketa-jarri-dute-lanbideren-irizpideen-kontra.html | Hamabi gizarte eragilek auzitegietan salaketa jarri dute Lanbideren irizpideek legea urratzen dutelakoan | Estitxu Eizagirre | 2017-05-16 00:00:00 | Hamabi gizarte eragilek auzitegietan salaketa jarri dute Lanbideren irizpideek legea urratzen dutelakoan
Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta onartzeko Lanbidek ezarritako 75 irizpideetatik 28ren aurkako salaketa jarri dute martxoan gose greba egin zuten hamabi kolektiboek. Auzitegira eramandako irizpide horiek ehunka herritar utzi dituzte DSBE jaso gabe. Irizpideak apirilaren 7an egin zituen publiko Lanbidek, baina etengabe aldatzen dituela ere salatu dute.
Iñaki Carro abokatuak jarri du astearte goizean auzitegian salaketa Lanbidek apirilaren 7an publiko egindako irizpideen aurka. Salaketa horretan diotenez, funtzionarioek legea aplikatzeko irizpide edo "eskuliburu" horien sei aldaera ezagutu dituzte. Arreta deitzen du bosgarren irizpide-sorta apirilaren 7koa dela eta zazpigarrena, berriz, maiatzekoa. Hau da, hilabeteren buruan aldatu dituztela webgunean publiko egindako irizpideak ( hona hemen oraingoak, berrienak ).
Salaketak dioenez, aldaketa horiek lotura estua dute Legebiltzarrean irizpideez egindako galdera parlamentarioarekin (maiatzaren 11 edo 12an ezabatu zen Legebiltzarrean zalantzan jarritako irizpideetako bat), eta gaur goizean auzitegian aurkeztu duten salaketarekin: Iosu Balmaseda Argilan-ESK-ko kidearen hitzetan, "irizpideak astez aste doaz aldatzen, mutatzen".
Salaketari erantzuna eman beharko dionez Lanbidek, hainbat galdera zehatz lutzatzen dizkio. Horien artean, ea nork erabakitzen duen irizpideetan egiten den aldaketa bakoitza, eta zer galbahe juridiko pasatzen duten irizpide horiek. Berme juridikoak eskatu dituzte irizpideak zehazterakoan. Hona apirilaren 7an Lanbidek publiko egindako 75 irizpideetatik salatu dituzten 28 irizpideetako batzuk:
Atzerritarren Nortasun Zenbakia eskatzea Espainiako Estatuan hiru hilabete daramatzatenei
Auzitegian jarritako salaketak argudiatzen du irizpide honek ez duela oinarri legalik eta DSBE jasotzeko aukerarik gabe uzten dituela administratiboki egoera irregularrean dauden jatorri atzerritarreko herritarrak (salaketaren arabera, Gipuzkoan gutxienez bi pertsona geratu dira DSBE jasotzeko eskubiderik gabe). Salaketaren arabera, 18/2008 legea aldatu beharko litzateke irizpide hau aplikatzeko eta berau Legebiltzarrean onartu. Astearte goizean Gipuzkoako SOS Arrazakeriak elkarteak komunikatu baten bidez salatu du hainbat astez irizpide hori aplikatu dutela Lanbideren Gipuzkoako hainbat bulegotan, eta irizpide horrek kanporatze arriskuan jarri dituela ANZ eskatzera joan diren egoera irregularreko herritarrak.
EAEtik aterako zarela eta itzuli zarela komunikatu beharra
Apirilaren 7an publiko egindako irizpideetatik kenduta zegoen ordura arte jasota zegoen betebehar hau: DSBE jasotzen zutenek EAEtik aterako zirela aurrez komunikatu behar zuten eta itzultzen zirenean jakinarazi, EAEtik kanpo zenbat denboraz egon ziren frogatzeko. Behin hori ez betetzeak hilabetez DSBE ez kobratzea zekarren, eta bi aldiz ez betetzeak DSBE etetea. Salaketa dokumentuaren arabera, 700dik gora herritar dira DSBErik gabe geratu direnak juridikoki oinarririk ez duen irizpide horren ondorioz.
Etxekoek utzitako dirua zigortzen du, Elizak edo Caritasek utzitakoa ez
Salaketak azaltzen duenez, "tratu diskriminatzailea" ematen diete Lanbideko irizpideek familiakoek edo lagunek utzitako diruari, izan ere, horiek "diru sarreratzat" ditu, eta aldiz, Caritasek edo Elizak utzitako diruak ez du eraginik izaten DSBEtik jaso beharreko dirua kalkulatzerakoan.
Alokairu sozialari eta Etxebideri uko egin ezina
Horrek ez duela oinarri juridikorik argudiatu dute. Etxebizitza aukeratzeko irizpide bakarra ez dela ekonomikoa, pisu handia dutela beste aldagai batzuek ere (esaterako, umeak zein ikastetxetan eskolatuta dauden, herritarraren harreman-sareak non dauden...).
Irizpideetatik kendu baina praktikan mantentzen diren barne-arauak
El Correo egunkarian agertutako albiste batek kezka piztu du, auzitegiko salaketak azaltzen duenez: albiste horretan Lanbide saileko iturriak aipatuz esaten da Lanbideren webgunetik kendutako irizpide batzuek "indarrean jarraitzen dutela nahiz eta publikoki ez agertu". Salaketak nabarmentzen du DSBE eskatzen duten herritarrek eta haien eskubideen defentsan lan egiten duten eragileek beharrezko dutela aplikatzen diren irizpideak publikoak izatea, ez araudi bat publikoa eta bestea ezkutukoa izatea. Era berean, eskatzen dute irizpideetan egiten diren aldaketak nabarmenduta agertzea, testu zaharra eta berria behin eta berriz alderatzen aritu behar ez izateko, eta irizpideetan egiten diren aldaketak izan daitezela epai judizialek zehaztutako interpretazioak gehitzeko.
Irizpideetatik kendu arren, indarrean mantenduko den beldur da salaketa txostena, besteak beste bi kasu hauetan:
200 eurotik gorako "gastu ez beharrezkoen" ondorioz (edo gastu horiek hiru hilabetean gehituta 200 eurotik gorakoak izatea) DSBE etetea. Salaketa txostenak galdetzen du: "Zer esan nahi du 2014ko irizpide hau egungo irizpideetan ez idatzita egoteak, lehenagoko egoerara itzuliko garela, alegia, DSBE bideratzen duen funtzionarioaren arabera, kendu edo emango digula DSBE 60 euro gastatu ditugulako hilean telefonoan, ileapaindegian, arropatan edo gimnasioan?".
Gauza bera gertatzen da bizilekua frogatzeko agiriekin. 2016ko uztaileko irizpideek, zehazten zuten etxe batean erroldatuta egon arren etxebizitza horren errenta kontraturik ez zuten herritarren egoera. Orain kasu horiek irizpideetatik ezabatu dira. Salaketa txostenak galdetzen du ea urteetan atzera egingo dugun, esaterako okupa diren herritarrak DSBE jasotzeko eskubiderik gabe utziz, nahiz eta legez ez dagoen horretarako oinarririk.
DSBE eskatzerakoan irizpideek sortzen dituzten egoera injustuak azaldu genituen erreportaje honetan . | news |
argia-c0a7f616ce28 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/bizi-ereduen-talka-errekaleorren.html | Bizi ereduen talka Errekaleorren | Kauldi Iriondo Galarraga | 2017-05-28 00:00:00 | Bizi ereduen talka Errekaleorren
Gasteiz kanpoaldean dago Errekaleor, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko gune autogestionaturik handiena. Joan den ostegunean, Eusko Jaurlaritzaren Industria sailaren aginduei jarraiki, Ertzaintzak eta Iberdrolak osatutako operatiboak auzoa argindarrik gabe utzi zuen. Bizilagunek desobedientzia zibilarekin erantzun zieten: Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu eta hainbat lagun zauritu zituen.
1950eko hamarkadan eraiki zuten 192 etxebizitzako langile auzoa, baina 2002an, etxebizitzaren burbuila betean, osorik eraitsi eta duplexak eraikitzeko plana egin zuen Gasteizko Udalak. Auzokideak lekualdatzen hasi ziren, baina krisiak proiektua geldiarazi ostean auzoa ia hutsik geratu zen.
2012an hamar bat ikaslek hasitako okupazioaren bidea geroz eta emankorragoa da. Egun ia 150 pertsona bizi dira, eta komunitate indartsua osatzen dute: auzoa kudeatzeko hainbat lantalde dituzte eta hilean bi asanblada orokor egiten dituzte. Baratza, okindegia, musika estudioa, gaztetxea, inprimategia, haur gela eta liburutegia jarri dituzte martxan, besteren artean.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak adierazi du ostegunean Ertzaintzak eta Iberdrolak egindako esku-hartzea "erabat justifikatua" dagoela, elektrizitate instalazioa "arriskua" dela auzokideentzat eta beren segurtasunagatik moztu dietela argia. Errekaleorreko eraikinak "suntsitzeko" asmoa ere publiko egin du, eta berehalako erabakiak hartu behar direla esan du.
Errekaleor Gasteizko eta Euskal Herriko herri mugimenduan errotutako eragilea da. Herri mugimendua hauspotzeko lan egiten dute, eta Errekaleorretik aldarrikatzen dute auzoa herriarena dela. Osteguneko erasoaren aurrean, nazioarte mailako manifestazioa deitu dute ekainaren 3an Gasteizen. "Herriarena dena defendatzeko" herri guztia deitu dute bakoitza bere aldarrikapenekin manifestzera: "Errekaleorrek hezurdura osatuko du herriak muskulua ezar dezan".
Hona operatiboko argazki batzuk: | news |
argia-ab7a1aa75801 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/opioaren-bakea-eta-gerrak.html | Opioaren bakea eta gerrak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-05-28 00:00:00 | Opioaren bakea eta gerrak
Kordoba (Espainia), K.a. 4200. Saguzarren Haitzuloan bizi ziren gizakiek opioa kontsumitzen zuten, bertan aurkitutako arrastoen arabera. Suitzan eta Alemanian ere horrelako aztarnak topatu dira. Baina ez dakigu drogaren erabilera ludikoa, medizinala edota errituala egiten zuten.
Mesopotamian, K.a. 3200ekoa da opio-belarraren edo lo-belarraren lehen erreferentzia idatzia eta horrek landarearen erabilera ludikoa behintzat baieztatzen du, "gozamenaren belarra" esaten baitzioten opioari.
Antzinako Egipton erabilera medizinala eman zioten, hainbat hieroglifikotan eta Ebers papiroan azaltzen denez. "Haur txikiek ozen oihu egin ez zezaten" balio zuen, besteak beste.
Grezian izena ipini zioten; Hipokratesek opós mekonos (lo-belar zukua) esan zion eta hortik dator opio hitza. Herodotok K.a. 425. urtean drogaren efektu analgesikoa eta antidiarreikoa deskribatu zuen eta haurrei lo egiteko ematea gomendatu.
Erroman K.o. 312an jasotako datuak oso adierazgarriak dira. Hiriko 793 dendatan saltzen zuten eta negozioaren bolumenak zerga-bilketaren %15 hartzen zuen. Baina ez dirudi adikzio arazo larririk eragin zuenik; hainbat hitz erabiltzen zituzten, esaterako, alkoholikoak izendatzeko, baina opiomanoak izendatzeko hitz bat bera ere ez da aurkitu.
Erdi Aroan, musulmanek zabaldu zuten erabilera Europan, Iberiar penintsularen bidez, baina nagusiki sendagai gisa hartzen zen orduan.
XIX. mendean, Txinan tabakoaren kontsumoa debekatu zuten eta horrek opioarena igoarazi zuen. Hiru milioi txinatarrek kontsumitzen omen zuten. Baina Antonio Escohotado historialari espainiarraren arabera, milioi horiek biztanleriaren %0,5 besterik ez ziren eta herrialdearen populazio aktiboan eragin txikia zuen kontsumoak. Hala ere, enperadoreak opioaren merkatua etetea erabaki zuen. Eta britainiarrek aitzakiatzat hartu zuten hori Opioaren Gerrak (1839-1942 eta 1856-1860) pizteko.
Mendebaldean opioak barne-gatazka ugari sortu zuen handik aurrera. Morfina sortu zuten arazoa konpontzeko; drogaren bertuteak izango zituen, baina menpekotasunik eragin gabe. Substantzia aktiboa sintetizatzeak eta xiringaren erabilerak arazoa areagotu besterik ez zuen egin. Horrenbestez, 1895ean Bayer enpresak morfinarako erremedioa erregistratu eta eztularen kontrako xarabe moduan merkaturatu zuen. Heroina izena ipini zion. | news |
argia-ea79b4d820a5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/hautsitakoa-puskaka-erakusteaz.html | Hautsitakoa puskaka erakusteaz | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2017-05-28 00:00:00 | Hautsitakoa puskaka erakusteaz
Tabakaleran programatzen dituzten pelikulei beti jarri behar zaie arreta, areto komertzialetan nekez ikusi ahal izaten ditugun lanak eskaintzeaz gain, arriskatzeko joera izaten baitute, aukera emanaz lengoaia zinematografiko ezohikoak pantaila handian ikusteko. Joan den larunbatekoa ez zen salbuespena izan: Angela Schanelec zuzendari alemaniarraren Der traumhafte Weg (Bide onirikoa) proiektatu zuten, egilearen azken lana, zeinean bi bikoteren hausturak kontatzen diren elkarren arteko 30 urteko tartearekin eta, itxuraz behintzat, bien arteko loturarik gabe.
Zentzumenak esna edukitzea eskatzen duen filma da, agerikoa baita plano bakoitza modu oso neurtuan hartuta dagoela, perfekzionismoz; eta zuzendariak asmoa eduki duela irudietatik haragoko zerbait ebokatzeko.
Alde horretatik, Schanelec-en hautuak gogora ekarri dit maiz Anton Txekhov idazleari egozten zaion esaldi, izatez, apokrifoa: "Ez esan ilargiak distira egiten duenik; erakutsidazu argiaren dirdaia kristal apurtuan".
Bestela esateko, galdetzen badiote istorioak "kontatu" ala "erakutsi" behar ote diren, Schanelec-ek bigarrena aukeratuko du segur aski: lan honetako pertsonaiak ikusi egiten ditugu eta ikusten dugun horretatik atera behar dira ondorioak, beraien egoera emozionalaz askorik esaten ez duten dialogo eta antzezpen hieratiko samarren laguntza hutsarekin.
Gehitu horri denborarekin egiten duen jolasa: 1980ko hamarkadan hasi eta gaur egun arte, lau aldi diferentetan banatuta dago filma, baina horretaz jabetzeko pista handirik ez zaigu ematen –Berlingo harresia erori aurreko telebistako albistegi bat, telefono mugikorrak edo liburuz hustu duten apalategi bat, besterik ez–.
Pelikula fragmentatu baten aurrean gaude, non eszena bakoitzak daukan berezko entitate bat eta kontatzeko dagoen istorioak bezainbeste inporta duen film osoa biltzen duen tonuak.
Egia da bi bikoteen arteko uztartzea ez zitzaidala aski ondo justifikatua iruditu filma bukatu osteko momentuan. Gero lagunekin komentatu, pentsatzen hasi, ikusitakoaren bigarren eta hirugarren irakurketa posibleak egin, hasieran protagonistak Grezia gatazkatsu batean egotearen zentzua ulertzen saiatu, amaiera gaur egungo Berlinen kokatuta dagoela jabetu, eta nire buruari galdetu nion denak dimentsio politiko bat ote daukan.
Zuzendariak ezetz erantzuten dit Google lagun aurkitu dudan elkarrizketa batean. Baina bikote-hausturei buruzko pelikula honek funtziona dezake, prezio berean, proiektu europarraren alegoria gisa, kalean kantu alaiak abestuz bidaiatzeko dirua eskuratu nahi zuten gazteetatik, gaur egun kalean bizi den eskaleraino. Galdera ikurra erakutsi eta erantzuna ikuslearen esku uzten duen lana izanda, irakurketa posible bat besterik ez da, noski.
Bestelakoak egiteko aukera duzue, nahi izanez gero, ekainaren 9an euskarazko azpitituluekin Tabakaleran bertan prestatu duten emanaldian. | news |
argia-7e2dc6e7e415 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/memoriaren-zirrikituetan-aztarrika.html | Memoriaren zirrikituetan aztarrika | Amaia Serrano Mariezkurrena | 2017-05-28 00:00:00 | Memoriaren zirrikituetan aztarrika
Nobela honek berezitasunik badu, hori da azaleratzen duela 36ko Gerrari buruzko euskal eleberrigintzan (eta euskaldunon memoria kolektiboetan) agertu ohi ez den imajinario bat. Izan ere, gure iruditeri literarioan gudarien eta jazarrien memoriak fikzionatu dira gehienbat eta, zentzu horretan, eleberri honetako kontakizunak hainbat mito deseraikitzen ditu: euskaldunak ere frankisten bandoan aritu zirela (ez soilik errekete bezala), eta frankisten harrobi itxuraz homogeneo eta sendoan ere izan bazirela talde ezberdinen arteko tentsioak (errekete vs frankista; falangista vs frankista).
Narratzaile batek baino gehiagok osatzen du istorioa, eta ahots bilduma horrek Begoñako Basilikan gertatutako erasoa eta haren ondorioak ertz eta denbora-geruza ezberdinetatik azaltzen dizkigu. Gertaera hori bilakatzen da frankisten barruko gatazken sinbolo, baina pertsonaia guztiengan dago Gerratik 80ko hamarkadara arteko borroken arrastoa.
Eleberriaren hasiera indartsua da, ez soilik bi amoranteren arteko sexu-eszena bat irudikatzen delako, baizik eta istorioaren gako nagusia gordetzen duelako, intrigari ateak zabalduz. Egitura aldetik, informazioa dosi txikitan ematea da, hain zuzen, nobelaren alderdirik aipagarrienetakoa. Trukean, baina, badira istorioaren sinesgarritasuna kolokan jartzen duten zenbait gertaera; esate baterako, Kelenek bere esku duen informazio guztia Barandi ikerlariari hasieratik ez ematea edota pertsonaiaren baten justifikatu gabeko bat-bateko heriotza.
Kontakizuna bi ildo narratibok osatzen dute, eta horien arteko loturak askatuko ditu Alberto Barandiaran detektibeak bide horretan aurrera egiteko bigarren mailako pertsonaiak giltza izanik. Horrez gain, plano narratibo bakoitza genero literario baten arabera josia da: frankismo garaikoak eleberri historikoaren ezaugarriak ditu, eta 80ko hamarkadako istorioak eleberri beltz klasikoaren zantzuak. Azken hori, baina, topikoz betea da, eta horrek apurtzen du bestearen freskotasuna. Tamalez, gurasoak nortzuk dituen jakin nahi duen Kelenek ez du bere identitate pertsonalean arakatzen; maitasunaren bideetan galtzen da.
Ez dago heroitasunik, ez eta dramatismorik ere, frankisten biktima bilakatzen diren falangisten kontakizunean; epikaz betetako narrazio ofizialetik urruntzen da, beraz. Alabaina, horrek ez die gogortasunik kentzen pasarte krudelei, eta frankisten bandoko heriotzen kontakizunak haien sufrimendura gerturatzeko ahalegin gisa uler daitezke. Tzvetan Todorovek berak esana da ezen, iragan traumatikoko gizarte baten baketze bidean, bereizten bainoago elkartzen gaituzten narrazioak sortzea ezinbestekoa dela. | news |
argia-9fb56575b763 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/ustelkeria-euskal-herrian.html | "Tamaina handiko zein obratan ez da komisiorik egon?" | Lander Arbelaitz Mitxelena | 2017-05-28 00:00:00 | "Tamaina handiko zein obratan ez da komisiorik egon?"
"Derrigor egin beharreko galdera da: non ez da komisiorik egon? Tamaina handiko zein obratan ez da komisiorik egon? Estatuan ikusten ari gara zer gertatu den, PPren paperetan atera izan diren enpresek kontratu publikoak hartzen dituzte hemen. OHL enpresa adibidez, PPren finantzaketa ilegalaren kasuan harrapatu dutena da Nafarroako Ubidea egin duena. Galdetu behar dut: nork ziurtatzen digu hemen ez dela komisiorik egon?". Patxi Zamora, Kontuz! elkarteko kidea oso zorrotz mintzo da ustelkeriaz.
Lehen postuan langabezia, eta bigarrenean ustelkeria eta iruzurra. Horiek dira Espainiako Estatuan 2017ko martxoko CISek egindako inkestak ematen dituen kezka nagusiak. Azken bi hilabeteetan hamaika puntu igo da ustelkeriaren inguruko ardura. ETAren borroka armatuaren amaierak eta krisi testuinguruan politika neoliberalen aplikatze bertikalak izango zuen eraginik horretan, baita azken urteetan diru publikoaren erabilera okerra egitea egotzita lehertu diren ustelkeria kasu kopuru altuak ere. Gehienak Ebrotik behera.
Hego Euskal Herrian zein da egoera? Nafarroan UPN, PP eta PSNk eutsitako gobernua botatzeko karta politiko erabakigarria izan zen CANen hari usteletik tiraka Kontuz! elkarteak jokatutakoa. EAEn, EAJ, PSE eta PP elkarrekin irudikatzen diren garaiotan, ez dira gutxi epaitegietan dabiltzan ustelkeria kasuak.
Gai hauei buruz mintzatu gara ondorengo lagunekin: Kontuz!-eko Patxi Zamorarekin, Adi! elkarteko Unai Mendizabal, Gaizka Amorrortu eta Patxi Ibarzabalekin, eta Ahoztar Zelaieta kazetari eta kriminologoarekin.
Ondorioa garbia da, alfonbrapean zer dagoen begiratzea komeni da.
Yolanda Barcina eta garaiko Nafarroako Gobernuko agintariak CANeko ustelkeriarekin lotuz, politikoki birrintzen lan handia egin zuen Kontuz! elkarteak. (Jagoba Manterola / Argazki Press)
"Miguel Sanzek esan dit esateko putaseme bat zarela, bere bizitza izorratzen ari zarela eta autonomo pobre bat besterik ez zarela". Askotan kazetarien bidez iritsi zaizkio Patxi Zamorari boterearen mezuak. Irribarrez eta haserre kontatzen ditu Kontuz!eko aurpegi ezagunenetako honek. Zizurren geratu gara berarekin mintzatzeko.
El Banquete liburuan kontatu zuten, Nafarroa osoan emandako hitzaldi eta ongi neurtutako prentsaurrekoen bidez, Nafarroan 1.200 milioi euro balio zituen CAN herrialdeko aurrezki kutxako diruak desagertuak zirela.
"Publikoaren kudeaketan ardura badaukazu, erantzukizunak onartu behar dituzu. Nik uler dezaket erratzea, akatsak humanoak dira, baina zuk ikusi al duzu hauetakoren bat inoiz esaten: "Okertu egin naiz"? Ez dira inoiz okertzen. Hori da problema. Herritar guztiontzat ondorio kaltegarria duen zerbait egitean, ardurak ez dituela inork onartzen". Zamora aho bilorik gabe mintzo da.
Baina zer da ustelkeria? Honela definitzen du Euskaltzaindiak: "Kargudun edo enplegaturen batek, bere egoeraz zilegi ez den moduan baliatuz, diru edo onuren truke, inoren mesedetan aritzeari amore ematea". Gaztelaniazko Wikipediako bertsioan xeheago sartzen dira: "Formak aldatzen dira, baina hauek dira komunenak: informazio pribilegiatuaren erabilera ez-legitimoa, eroskeria, influentzia trafikoa, estortsioa, iruzurrak, diru publikoaren erabilera okerra, prebarikazioa, kazikismoa, kooptazioa, nepotismoa, inpunitatea eta despotismoa".
Arrakastaren gakoa? "Informazio ona eskuratzeaz gain, zintzotasunez lan egitea, hedabide guztiekin mintzatuz, gauza arrarorik egin gabe, eta zerbait esaten genuenerako, azken komaraino neurtuta, hurrengo kolpea jada lotuta edukitzea".
CAN-en haritik tiraka
UPN, PP eta PSNk kutxa berena balitz bezala jokatu zutela nabarmentzen du. "Lehenik, alderdi disidenteak bota zituzten erabakiguneetatik, eta hauekin batera, bizi osoa bertan eman ostean gertatzen ari zenarekin flipatzen ari ziren langileak ere bai". Zamorak azaltzen duenez, aurrejubilazio mordoa egin zituzten, gero oraindik eta jende gehiago hartzeko. "Jendea ez zuten egitura arrazoiengatik bota, beren jendea jartzeko baizik. Berehala etorri ziren zuzendaritzako kideen soldata igoerak, kide hauen kopurua handitzea, dieten igoera... egoera ekonomiko txarrenean beren soldatak biderkatu zituzten". Nork sinatu zituen ordea soldata igoera horiek? Miguel Sanz (UPN) eta Martin Fluxak, Zamorak dioskunez. "Organigrama berri honetan, bakailaoa mozten zutenek nahi zutena egiten zuten".
"oso kalitate demokratiko eskaseko sistema batean bizi gara, bananeroa da, leku guztietan dago ustelkeria", Patxi Zamora.
Asmo politikoekin batera, Nafarroako botere ekonomiko nagusia kontrolatzea ere bilatzen zuten. "Ez dago ikuskaritzarik, bakarrik geratu zirenez disidentzia eliminatuta, inbertsioetan eta beste nahi zutena egin zuten, gauza erabat ulertezinak barne. Hala ere, epaiketara joatean, interesagatik egin zituztela demostratzea zaila da".
"Mundu mailako krisia" aitzakia hartuta, azalpen handirik eman gabe pasa nahi zuten gaia bere ustez. "Ez izan astunak, badaude hondoratu ez diren enpresak eta aurrezki kutxak. Estatutuetan oso argi dago Nafarroako Gobernuak aldian behineko ikuskatzeak egin behar zituela, eta azkena 70. hamarkadakoa zen. Badakigu Espainiako Bankutik gutunak iristen zirela eta zakarrontzira botatzen zituztela. UPN, PP eta PSNk 80ko hamarkadan, Parlamentuan defendatzen zuten Espainiako Bankuak CANen esku hartu behar bazuen, Nafarroako baimenarekin izan behar zuela. Hori defendatzen zuenetako bat Gabriel Urralbururen gobernuko presidenteordea eta CANeko azken presidentea zen: Jose Antonio Asiain, diferentzia handiarekin diru gehien eramaten duena. Bere bila goaz".
Kontsumitzaileen elkartea
Baliabide publikoen kudeaketan izandako ustelkeria eta gehiegikeriak borrokatzen dituzte. Kontuz!-en izen osoari erreparatzea garrantzitsua da: erabiltzaileen, kontsumitzaileen eta zergadunen elkartea. Azken urteetan panorama politikoaren lehen lerroan kokatu bada ere, ez da atzo goizean sortutako elkartea. Urralbururen kasuarekin hasi ziren. "150 lagun elkartu ginen, ideologia ugaritakoak, abokatuak eta beste, eta akusazio partikularra izan ginen Urralburu eta Javier Otanoren kasuan".
Belaunaldi gazteek agian ez dute ezagutuko Gabriel Urralbururen kasua, Euskal Herriko garrantzitsuena maila politikoan. "Roldan kasua" gisa ere ezaguna, 1994an azaleratu zuten; gobernuko lehendakari ohia espetxeratu zuen Nafarroako Lurralde Auzitegiak, higiezinen enpresei milioika euroko komisioak kobratzea egotzita, obra publikoen adjudikazioen truke. Guardia Zibileko zuzendari ohi Luis Roldanekin eta beste hainbat pertsonarekin batera, 11 urteko espetxe zigorra ezarri zioten.
Horren ostean, lozorroan geratu zen Kontuz!, Gaztelu Plazako aparkalekuarekin itzuli ziren, mobilizazio handien erdian. Azkenik, fundatzaileetako hainbat 2005 eta 2006 bueltan bazkaltzeko batzen hasi zirenean berraktibatu zen hirugarren kolpea emateko, "zerbait zikina" gertatzen ari zela sumatzen baitzuten.
De Miguel auzia
EAEko ustelkeria prozesu garrantzitsuena 'De Miguel' auzia da. Horixe adierazi berri du 2017ko martxoaren 16an Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, EAJko kide-ohiek gidatutako komisio ilegalen ustezko trama, 26 auzipeturekin. Ondorengoa egozten zaie: Eroskeria, influentzia trafikoa, kapital zuritzea eta ondasun publikoen erabilera bidegabea. Arabako EAJko bigarrena eta diputatu foral ohi Alfredo de Migueli egozten diote sarea zuzentzea.
"Ainhoa Alberdi izeneko enpresari bati adjudikazio publiko baten trukean komisioa ordaindu behar zuela esan zioten eta aurka egin zuen. Alderdikoa izan arren, xantaia egin zioten, eta egoeraz nazkatuta, elkarrizketa batzuk grabatu eta fiskalarengana jo zuen, hortik leherraraziz kontua". Haritik tiraka, bezero sarea aurkitu zuten. "Gazte plan bat egin behar duela Aldundiak? Goazen enpresa bat sortzera plan horretaz arduratu eta horretara bideratu beharreko dirua eramateko. Zer moduz ateratzen den plana? Horrek berdin du".
Unai Mendizabal, Gaizka Amorrortu eta Patxi Ibarzabalekin elkartu gara Gasteizen, Adi! elkarteko kideak dira. Nafarroako Kontuz! adibide gisa hartuta, Gasteiz eta Araba inguruko ustelkeria kasuak aztertu eta sozializatu nahian ari dira.
Adi! elkarteak deituta Gasteizen ustelkeriaren aurkako kontzentrazioa. (Jaizki Fontaneda / Argazki Press)
"14 hilabete daramatzat itxaroten Ertzaintzaren informe bat Arzallusen semeak De Miguel auziarekin duen harremanari buruz", kexu egin zuen Josu Eizagirre Arabako fiskal buruak Radio Euskadi n. 11.000 ertzainetik lau agente bakarrik daude ustelkeria kasuak ikertzera, Adi!-koek salatzen dutenez.
Lezo operazioan edo Zubietako erraustegian sartua dagoen Cuatrecasas bufeteko abokatu batekin defendatu da De Miguel. "Fiskalaren errelatoa fabula bat dela adierazi zuen honek". De Miguel auziak zazpi urte ditu, eta epaiketa udazken-neguan has litekeela kalkulatzen dute.
Ustelkeria askotan legala da
Iruñera itzulita, Patxi Zamorak gogoratu nahi du ustelkeria ez dagoela zigor gisa ezarria Espainiako Zigor Kodean.
Ustelkeria ez da soilik komisiotan dirua eramatea. Baliabide publikoen erabilera pertsonala da, norberak edo beste norbaiten onuran. "Niretzat ustelkeria dira ate birakariak, arduradunak nahieran hautatzea, faboreak, aurrez adostutako enkanteak...".
"Badaude ustelkeriak edo jokamolde ez etikoak baliabide publikoen kudeaketan, legalak direnak. Badakizu, hecha la ley hecha la trampa . CANen adibidez, abokatuak organigrama juridiko bat egin zuen, gauza onartezinak baimenduz: Administrazio kontseiluko bileran inbertsioak zein enpresatan egin erabakitzean, kontseilukideen enpresak hautatzen ziren. Juridikoki lotuta zuten, legala zen. Dietekin antzeko zerbait gertatu da".
Zerk bermatzen du ustelkeria?
"Gakoetako bat inpunitate absolutua da, erabat usteldutako sistema honetan. Justizia ez da independentea eta konplikatua da lan egitea", hasi da Zamora. "Nola da posible alor honetan delituek preskribatzea? Ezin dut ulertu. Gaztetan delitu bat egin eta urte mordoaren ostean, zuk bizitza berregina, uler dezaket judizialki eta etikoki. Baina denon diruarekin erabilera okerra egin duenari nola preskribatuko zaio? Horrek ez luke preskribatu behar".
Joaquin Navarro epaile espainiarrak esandako esaldia baliatzen du Zamorak egoera deskribatzeko: "Espainiako Estatuan epaileak ez dira erosten ez saltzen, oparitu egiten dira". Hori zen beren premisa, eta badakite zeren aurka ari diren. "Botere politikoak eragin handia du justizian, ikusten denez; ustelkeriaren aurka oso indartsu egiten ez duen legedia duzu batetik, eta bestetik, alderdi eta sindikatu ustelez osatutako gune politiko batzuk, hori da panorama".
Ahoztar Zelaieta kazetaria ustelkeria kasuetan aditua da. Mungian geratu gara berarekin. "EAEn Fiskaltzak esan du ez daukala tresnarik ustelkeria ikertzeko. Ustelkeria ikertzeko bi tresna nagusi daude: Ertzaintza eta Ogasunak, biak EAJren eskuetan".
Euskal Herria txikia dela ere erabakigarria iruditzen zaio Zelaietari. "Erraz salatzen ditugu Urdangarin, Valentzia eta urrutiko beste ustelkeria kasuak. Baina gertukoez hitz egiten al dugu? Elkarbizi behar dugu, eta oso gertukoak direnean eta lanpostuak eskaintzen badizkigute? Hozka egiten badiezu, kontuz".
Nork agitzen du hemen?
"Lehendakariak enpresen fiskalitateari buruz zer pentsatzen duen esateko unea da". Bizkaiko patronaleko presidente hautatu berri Iñaki Garcinuñok El Correo egunkarian egindako adierazpenok berreskuratu ditu Ahoztar Zelaietak, egoeraren adierazle gisa. Nork agintzen du hemen? Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun kontseilari Pedro Azpiazuk zergak igo nahi dizkie enpresei, eta gehiago jaisteak "zerbitzuen prestazio txikiagoa, inbertsio txikiagoa eta berrikuntza gutxiago" esan nahiko duela adierazi du. "Enpresariak Foru Aldundietatik gerra ematen ari dira, kontseilaria gainetik eragin nahi dute Urkullurengan".
"ELAk ere esan izan du hauek agintzen dutela hemen. Kontu Epaitegiak diru laguntza zuzen irregularrak jaso izan dituzten ikertu du, ez dute nahi zergak igotzea, jaistea nahi dute, lanpostuak prekarizatzen ari dira, paradisu fiskalekin lan egiten dute askok, dumping a egiten dute... Europa osoko enpresen gisara ari dira jokatzen. Bizkaia joan da Londresko burtsako multimilioidun handiei abantaila fiskalak eskaintzera. Zeini eta paradisu fiskaletan putoamoak direnei, ustelkeria eta zerga ihesean, alderdien finantziazio ilegalean. Publiko eta begi-bistakoa da, hori da dagoena", salatzen du Zelaietak.
Erabaki politikoak ez datozela zerutik ikusten du kazetariak. "Herritar gutxi boteretsu batzuek agintzen dute, kriston lobbya osatzen dute, gehitu multinazionalak hor". Kutxabank el saqueo de Euskal Herria liburuan ideia hau aletu zuen 2015ean izen eta abizen zerrenda luzeak argitaratzearekin batera.
"PPrekin akordioa egin zezan EAJ presionatu duena Confebask izan da, eta ondoren txalotu egin du. Orain zergak ez igotzeko exijituz sutan daude. Legegintzaldi honetan Eusko Jaurlaritzak 1.200 milioi euroko murrizketak egin ditu, eta aldi berean, erosio fiskala eragiten ari dira, enpresa handi eta aberatsei iruzur egitea ahalbidetuz. Hori denok ordaintzen dugu". PPren aurrekontuak babestuz, EAJk egoerak bere horretan jarraitzea ahalbidetzen duela ulertzen du Zelaietak. "Ustelkeriarentzat opakutasuna babestu dute eta zerga ihesaren eta ustelkeria politikoaren aurkako gardentasuna blokeatu", dio.
Ustelkeriaren zerrenda azkarra
Euskal Herrian izan duen eta duen dimentsioaren berri emateko, Euskal Herriko ustelkeria politiko kasu nagusiak zerrendatu dituzte Berria egunkariko Enekoitz Esnaola, Joxerra Senar eta Maddi Ane Txoperena Iribarren kazetariek.
Batetik, zigor epaia jaso duten kasu batzuk: Urralburu kasua, Euskal Herriko kasu politiko larriena, lehendakari ohiak kartzelan amaitu baitzuen. 1990. urteko Osakidetzako oposizioetako azterketan tranpak egiten harrapatu zituzten PSE-EE eta UGTko pertsonak hartzeko. Irungo Ogasunean, Bravo auzia, zerga biltzailearen lapurreta. Bilboko Guggenheimen 556.000 euro lapurtu zituen finantzaburuaren kasua; Galipienzo auzian Eguesibarko alkateari zigorra, Juan Ramon Ibarra Bizkaiko Aldundiko Ogasuneko Ikuskaritza arduradun izandakoari lau urte eta erdiko zigorra. Epsilon Euskadi kasuan 50 milioi euro jarri ostean, porrot egin zuen enpresaren kasua. Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohi Mikel Cabiecesi urtebeteko kartzela zigorra jarri zioten, eta Mario Fernandezi sei hilabetekoa, Kutxabank auziagatik.
Ondorengoak ikerketa fasean edo auzibidean daude: CAN auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean dago eta Miguel Sanz, Yolanda Barcina, Alvaro Miranda eta Enrique Maya inputatuta. De Miguel auzian 26 pertsona inputatuta daude hamaika delitu leporatuta; Hiriko auzian, ibilgailu elektrikoaren proiektuan diru publikoa beren mesedetan erabiltzea egotzita sei lagun inputatuta daude; Bidegin agiriak faltsutzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egozten diete hiru pertsonari; Gurtel auzian 40 pertsona auzipetuta daude PP legez kanpo finantzatzea leporatuta, eta PPren Bilboko egoitzaren ustezko finantzaketa irregularra ikerketan dago; Balentziaga museoan 2000-2007 artean 1,2 milioi euro lapurtzea egotzita hiru inputatu. Marie auzian, Bernard Marie Miarritzeko auzapez eta diputatu ohia hiru epailek zuten jomugan, dirua bidegabe erabiltzea leporatuta, Michele Alliot Marierekin batera. Kasu hauez gain, Realari 6,4 milioi euroko zorra barkatzea egotzita, Iñaki Badiolak jarritako kereila kriminalagatik, Markel Olano formalki inputatuta dago, Ahoztar Zelaietak gogoratzen digunez.
Bi auzi preskribatutakoen multzoan: 1989an Egin ek argitaratutako Txanpon makinen auzian hainbat pertsonari egotzi zieten makinen lizentzien salmenten bidez EAJ legez kanpo finantzatzea.
2001ean ahozko epaiketa egin zuten, Bizkaiko Lurralde Auzitegian, eta epaileek kasua preskribatuta zegoela ebatzi zuten. Bestetik, Nafarroako Javier Otano presidenteari Suitzan diru kontu bat zuela atera zioten eta dimititu egin zuen 1996an. 2004an preskribitu zuen auziak.
Igor Meltxor kazetariak Gestion a la vasca, el Oasis Vasco I eta II liburuetan aurrez aipatu gabeko ondorengo auziei buruzko nondik norakoak ematen ditu, diru publikoaren erabilera okerrak salatuz: Pasaiako Lonjaren kasua, AHTren eraikuntzarekin lotutako kasuak, EAEko jantokietako negozioa, ETB eta gertuko produktorak, Gurtel, Bidegi eta abarretan errepikatzen diren enpresen zerrendak eta Gasteizko San Antonioko alokairuen kasua.
Nola dago EAJ?
"Nik EAJrekin susmo handiak ditut", dio Patxi Zamorak. "Zergatik ari da EAJ PPrekin horrelako itunak egiten? Barrabiletatik eutsita dituztelako. Begiratu Pujolekin zer gertatu den Katalunian. Orain hiru mende zekiten guztia, eta orain atera diete. Nafarroan UPNrena eskandalua izan bada, ez dut jakin ere egin nahi EAJk Bizkaian eta EAEn egin dituenak. Kristorenak".
Bere ustez herritarrek ez dute gaitasunik izan hori aldatzeko. "Nik oso garbi dut: EAJ ez duzu mugituko planteamendu horietatik beste inola, ez bada harrapatzen dituzula eta jendeak zigortzen dituela".
El País egunkarian irakur daitekeenez, 2012. urteko emaitzak hartuta, Espainiako Kontu Epaitegiko fiskal buruak salatu zuen estatuko hainbat alderdik, ustez iruzur fiskalak edota dokumentuen faltsutzea egin zutela: PP, PSOE, CDC, Unió, EAJ eta EA.
Euskal Herriko bi alderdietara etorrita, Eusko Alkartasunari egotzi zion bere kontuetan ez zeudela "diru sarrera eta gastu guztiak". EAJri berriz, egotzi zion bere kontabilitatean 4,9 milioi euroko diru sarrera batzuk ez erregistratu eta deklaratu izana. Horrez gain, debekatuta egon arren, merkataritza-sozietate batzuen sarea duela eta hauetatik "finantzaketa ilegala bidera dezakeen fluxua joan daitekeela". Fiskalak, horrez gain, adierazi zuen EAJren kontuak ez zirela "errealak" eta ez zuela aktibitate guztia jasotzen. Eusko Alkartasunak bere kontuetako irregulartasunak "erabat gezurtatu" eta ardurak eskatu zituen. EAJk ere guztiz gezurtatu eta puntuz puntu azalpenak eman zituen.
Gaiari eutsiz Ahoztar Zelaietak azpimarratzen du Kontu Epaitegiak hori salatu izanak asko esan nahi duela. "Gaitzetsi du sarrera pribatuak nola dauden erregistratuta, alderdiari egindako hainbat ekarpen eta donazio. EAJko kargu bat susmopean dago Ogasuneko informe batean Bakioko kasuan, iruzurra egin izana egotzita. Hori alkate guztiei estrapolatuz gero, hemen izugarrizko korapiloa legoke. Kontu Epaitegia hori seinalatzen ari da, eta Gernikako Epaitegi bat ari da ikertzen Bakioko alkate zigortua. Badakite jendea informazioz saturatuta dagoela eta ziurrenik alkateak bi urteko espetxe zigorra jango du, eta kitto. Ezingo du mozkor gidatu bi urtez. Gainera, errekurrituko dute".
Bakioko alkate ohi Txomin Renteria Fernández jeltzalearen aurkako epaiketa, prebarikazioa egotzita. (Marisol Ramirez / Argazki Press)
Bakioko operazioan irabazten atera zen enpresa-burua zerga iruzurra egitea egotzita Panamako paperetan ateratzen dela dio Zelaietak. "Dena Bakio gisako leku txiki batean. Luxenburgon hau kontatzen duzunean, esaten dizute: 'Harrapatuta daukazue!'. Hori da herri honen txikitasunaren alde ona".
Bezero sareak ongi josita
Urrezko egin dira batzuk. Patxi Zamorak salatzen du Nafarroan hainbat enpresa kontratu publikoen bidez aberastu direla. "Ez dakit legala den ala ez, baina batzuk milioidun izatera iritsi dira. Kasu bat nabarmentzearren: Enrique Goñi CANeko buru zen bitartean, Ricardo Bermejo publizistak 10 milioi euro baino gehiago fakturatu zizkion bere diseinu enpresatik. Kukuxumuxu erosi berri du".
"Administrazioan antzeko zerbait pasa zen, publizitate esparruan kanpainak-eta egiteko 30 bat enpresa txiki egotetik, bakoitzak bere lantxoak egiten zituena, Galobart izeneko enpresa dena egitera igaro zen, eta 40 milioi euro fakturatu zizkion administrazioari. Iruñeko Udaleko lanetatik hasita Gobernuraino. Beste enpresa guztiak pikutara joan dira". Bere ustez argi dago faboreak egiten zirela. "Arduradunak kontrolatzera behartuta zeuden eta berentzat hartu zuten dena". Zamoraren esanetan "sare klientelarrak administrazio osoan" daude eta "desmuntatu" egin behar dira.
Dozenaka hitzaldi emandakoa da Ahoztar Zelaieta. Youtuben ikusgai dago Evasores, morosos y millonarios vascos, Panama connections hitzaldia. Bezero sareei edo bezerokeriari buruz nabarmentzen du EAJk sare sendoak eraiki dituela azken hamarkadatan, eta PSOE eta PPrekin elkarbanatzen dituela. "EAJko kargu-ohiek PPrekin negozioak egin dituzte: Mediasal, Miguel Angel Rodriguez... denak EAJk emandako kontratuak ziren. EAJ boterean egon denean, adar klientelistak PSOErekin partekatzen zituen, eta horietatik jaten zuten PP eta PSOEren enpresek ere.
Gipuzkoako erraustegiko kasuarekin jarraitu du azalpena ironiaz: "José Ignacio Asensio, EAJk fitxatu du erraustegiaren zerebroa izan dadin, PSOEkoa, Deia eta EAJk egurra eman zioten bere garaian Patxi Lopez Gobernuan zegoenean, Euskotreneko zuzendaria zela eta negozio ilunetara zuelako enpresa Uruguaira. Egurra eman ostean gauetik goizera tipo bideragarria bihurtzen zaie erraustegia bezalako gai sentsible bat eramateko, osasunean horrenbesteko eragina izan dezakeena. Dirua dago denaren gainetik".
Zubietako erraustegiaren kontratua lortu duten konpainien artean, Urbaser eta Cuatrecasas abokatuen bufetea epaileen aginduz miatu dituzte PPren finantzazio ustelaren ikerketan, Canal Isabel II enpresaren hariari tiraka. ARGIAn Pello Zubiriak jasotako albistean irakur daitekeenez, Cuatrecasasek Gipuzkoan presentzia handia dauka. "Konpainian ari diren abokatuen artean Joanes Labaienek eduki du, publikoaren aurrean bederen, zerikusi nabarmenena Gipuzkoako errausketaren gora beherekin. Esaterako, Santander eta Caixabank bankuen defentsa lanak egin zituen Karlos Ormazabalen (EAJ) agintaldian GHK-k kontratatutako swap kreditu ustelen epaiketan. Zubietako erraustegiaren kontratua lortu duen enpresa taldearen barruan ere badago Cuatrecasas, Noticias de Gipuzkoa egunkariak 2016ko abenduaren 28an plazaratu zuenez, Urbaser, LKS-Mondragon, Altuna y Uria, Moyua, Meridian eta Muriasek osatutako kontzesionarioaren aholkularitzan".
"EAJk dio PPrekin babestearen argazkiak desgastatuko dituela. Zer arraio desgastatu! Ustelkeriaren boltsa bien artean daramazue eta hor zoazte bi heldulekuetatik hartuta, Rajoy batetik eta Urkullu bestetik. Ustelkeria eta zerga iruzurra. Eskutik doaz", dio Zelaietak suminduta. "PPko kideen ate birakarietan EAJko enpresak ere badaude, EAJko kideen ate birakarietan PPkoak dauden lez. Lezo Operazioan Urbaser, Cuatrecasas, eta PWC enpresen izenak atera dira, Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien kontratu publikoetan esleipendunak. EAJk jakin du partidua irakurtzen, buletinak oso ongi idazten ditu. Ustelkeria buletinak idatzi aurretik ematen da", dio kazetari bizkaitarrak.
Hala ere, izan dira alderdien arteko hika-mikak ere. 2014an EAJ eta PP akusazio gerran sartu ziren 200 batzokien sareagatik. Lehenik, PPko Nerea Llanosek adierazi zuen "Pujol kasu gehiago" egon daitezkeela euskal abertzaletasunean. Oyarzabalek EAJri eskatu zion iritzi publikoari azaltzeko "nola lortu zituen sede sozialen hain sare garrantzitsua zabaltzeko beharrezko dozenaka milioiak". Egibarrek mehatxu egin zien harremanak hautsiko zituztela "frogarik gabe akusazio faltsu eta injustuak" egiten jarraitzen bazuten. Oyarzabalek aitortu zuenez, frogarik gabe egin zuen. "Gure kontu eta ondasun guztiak urtero auditatzen ditu Espainiako Kontu Auzitegiak", adierazi zuen Egibarrek PPri gogoratuz "beren aitona politikoak" arduratu zirela 1936ko Gerraren ostean EAJren ondasunak ere inkautatzeaz. Ura bere onera itzuli zen, harik eta 2017ko apirilean PPk salatu zuen arte Bizkaiko Diputatu Nagusi ohi José Alberto Praderarekin lotutako enpresek 20 milioi euroko kontratu publikoak lortu zituela azken hamarkadan. Bizkaiko Aldundiak PPri erantzun zion Praderari buruzko akusazio horiek egia badira, epaitegietara eraman ditzala. Pradera da Panamako paperetan agertzen den euskal herritarretako bat.
Ate birakarietan bueltaka
"Ni nazkatu naiz artikuluetan esateaz: Miguel Sanz presidente zenean baino gehiago kobratzen ari da, kargua utzi eta bigarren hilabetetik aurrera. Legala da? Denbora jakin bat itxaron eta enpresa batzuek fitxatu dute. Badakigu administrazio kontseilu mordoan dagoela. Zer gertatzen da? Ekonomista izugarria da ala? Hondakin toxikoez, garraioaz eta denaz daki? Ez, lagunentzat negozioak lortzen ari da presidente aritu denean egin dituen harremanen bidez. Hori horrela da. Eta bitartean, hilero taka-tun . Barcinak esan zuen ez zuela ate birakaririk erabiliko eta hamabost egunera Movistarreko Administrazio Kontseiluan sartu zen!", salatzen du.
Josu Jon Imaz EAJko presidente ohia, Eusko Jaurlaritzako Industria, Komertzio eta Turismo kontseilari izana, Repsol-eko zuzendaritza batzordeko kide da egun. (Andoni Canellada / Argazki Press)
Baina zein da ate birakarien logika? Aurrez politikari batek enpresa zehatz batzuei egindako faboreen buelta izan daiteke, edo bestela, politikari horrek karguan egon denean egin duen harreman kartera enpresa batera eramatea, gaiari buruzko ezagutzarekin batera.
Sarean asko zabaldu da Ahoztar Zelaietak egindako infografia bat. Bertan azaltzen da energiaren sektoreko multinazionaletara EAJko zein azken buruzagi joan den: Juan Mari Atutxa Iberdrola eta Bahia de Bizkaia Gasera, Idoia Zenarruzabeitia Comisión Nacional de Energíara, Mario Fernandez Iberdrola eta Repsolera, Xabier Irala Iberdrola eta Enagasera, Javier Balza Petronorrera, Josu Jon Imaz Petronor, Orisol eta Repsolera...
Adi! elkarteko kideek, seme-alabak ere enpresa publikoetan goi kargudun jartzen dituztela salatzen dute: Atutxaren semea Bilboko Portuko zuzendaria, Arzallusen alaba Etxepare institutuko zuzendaria, semea Bizkaia txakolinako zuzendaria izana... "Hori legala izango da, baina azken finean ustelkeria da. Baliabide publikoak baliatzen dituzte, soldata izugarriekin beren bizitza konpontzeko, beste guztiok bizi garen mailatik harago bizitzeko", diote.
Paradisu fiskaletan galduta
"Bazenekien McDonalds eta Telepizzak, bi adibide jartzearren, apenas ordaintzen dutela zergarik hemen?", galdetzen du Ahoztar Zelaietak, Bruselan ustelkeriaren aurka egindako jardunaldi batzuetatik ekarri dituen bi liburuxka atereaz. "Luxenburgon ordaintzen dute gehiena, eta 68 milioi euro zor lituzkete azken bost urteotan, horri berandutze-interesak gehituta orotara 100 milioi eurotik gora. Hori Europa osoan gertatzen ari da". Bolivian, adibidez, zergak bertan ordaintzeko edo alde egiteko esan zietela nabarmentzen du. Mc Donalds kiebrara joan zela jasota dute nazioarteko egunkariek. Irlandan McDonaldsek urtean ordaintzen ez dituen zergekin lau ospitale ireki daitezkeela kalkulatu ei da.
"Paradisu fiskalei buruz galdetuta, esaten dute mundu osoan egin behar dutela lan eta horregatik dauzkatela bulegoak batean eta bestean. Hala ere, nik administrazio publikoarentzat lanak egiten dituen enpresa bat banu, xehe azalduko nioke ogasunari zer, non eta zertarako daukadan, nire datuak eta kontu korronteak. Baina ez du inork egiten hori. Ezkutatu egin nahi dutelako dirua, eta harrapatzen duguna izebergaren punta besterik ez da", dio Patxi Zamorak.
Nekane Jurado ekonomialaria buru, HerriUni-k argitaratutako txostenean eta Euskal Oasia sutan erreportajean ARGIAn jaso genuenez, 2014az geroztik Espainiako IBEX35 osatzen duten enpresa guztiek dute presentzia paradisu fiskaletan. 2012an 555 enpresa zituzten lurralde horietan, 2013an 815, eta 2014an 891. Tartean dira "euskal enpresa handiak", Iberdrola, BBVA, Gamesa eta Euskal Herriko kapitala duten beste batzuk. BBVAk adibidez, 52 elkarte zituen 2014an paradisu fiskaletan.
"Prozesu honen amaieran enpresek ez dute zergarik ordainduko. Zertarako ordaindu, munduan sakabanatuta dauzkaten enpresen bidez ekidin badezakete? Langileok ordainduko ditugu zergak, soldata penagarriekin", iragartzen du Patxi Zamorak. Bere ustez ezin dute egun batetik bestera egin, baina horra doa prozesua.
Paradisu fiskalei zergatik ez zaien eskua sartu galdetzean, erantzuna borobila da: enpresek finantzatzen dituztelako alderdi politiko eta hedabideak. "Oso kalitate demokratiko eskaseko sistema batean bizi gara, bananeroa da, leku guztietan dago ustelkeria". Espainiako Estatuan gertatzen ari dena, Alemania eta Bretainia Handian ezinezkoa ikusten du. "Argazki eta guzti frogatu genuen epaile eta politikariek elkarrekin jaten zutela afari pribatuetan. Barcina epaile baten ondoan esertzen zen eta hau izan zen atikoaren kasuan absolbitu zuena. Halako argazki bat Ingalaterran kaleratu eta han amaituko zen epailearen karrera judiziala. Hemen ez. Legala da".
"Gure" multinazionalak ere berdin
Zer moduz ari dira Euskal Herriko kapitala duten multinazionalak? "2010ean EAE zen Espainiako Estatuan estatutik kanpo inbertsio gehien zuen bigarren erkidegoa. 2015eko datuetan hirugarrena da. Orotara 484 fabrika eta 600 enpresa dauzkate EAEko enpresek munduan, 1.200 bulego. Ez da broma", dio Ahoztar Zelaietak. "25.000 milioi euro mugitzen dira urtean ekonomia birtualean. Trantsakzioak lehen eskritura publikoetan egiten ziren, orain software batzuekin egiten dituzte. Kapitalismoak horrela funtzionatzen du, esparru berri hau kontrolatzeko askoz ere zailagoa da, eta adituek diotenez, paradisu fiskalik gabe kapitalismoak ezin du bizi, hain da toxikoa, ustelkeria behar duela bizirauteko. Gure multinazionalak joko horretan sartuta daude erabat, arazo potoloa dugu".
Zelaietak gogora ekartzen du Lakuak sinatutako informe batean 2015 urtean EAEn 826 milioi euroko ustelkeria identifikatu zutela zerga ihesean. Honen ostean, Eusko Jaurlaritzak kontratatutako adituek 3.700 milioi euroko zerga ihesa kalkulatu zuten –"826tik 3.700 milioira kriston zuloa dago"–, baina jokaldia borobiltzeko Espainiako Ogasun Ministerioko Teknikoen Sindikatu Gesthak kalkulatu zuen EAEko zerga iruzurra 13.670 milioi eurokoa zela 2015 urte hartan. Horietako %70 enpresa handiena. "Hegan egin duen dirua, ospitale publikoetan murrizketak egiten ari diren bitartean".
"Guzti hau gurekin doa. Panamako paperak eta abar kontu puntualak dira, baina gurekin harreman zuzena dutenak. Ez bagabiltza adi, aberats hauek estatu kolpea emango digute eta dena pikutara bidali. Kutxabank eta Euskaltelekin egin berri digute", dio kazetari eta kriminologoak.
Hedabideen zeregina
Ustelkeria azaleratzeko, hedabideek jokatzen duten rola garrantzitsua da, eta horretarako, hedabideak noren jabetzan dauden aztertzea ezinbestekoa. Nafarroako ustelkeria politiko guztia ateratzeko orduan, Estatu mailako hedabideek gaia "estali" zutela uste du Patxi Zamorak. "Gauza nabarmenak" gertatu zirela dio, adibide gisa jarriz Cuatro telebista kate espainiarretik Mercedes Milá aurkezle ezagunak elkarrizketa egin ziola bere etxean eta ez zutela sekula emititu. "Nafarroa estatu gaia da, eta estatuko hedabideak ez dira sartu".
Nafarroakoak bai, bertakoak sartu zirela dio. Gara eta Diario de Noticias eko bi kazetari Kontuz!-en lanean ibiltzeaz gain, hedabideak ongi zaindu zituztela oroitzen du Zamorak. "Guk dena denei eman diegu prentsaurreko bidez, eta probak medio guztiei ematen genizkien. Aurkakoek ere, horrelako frogak ematen badituzu eta beste denek kontatzen badute, kontatu egin behar dute".
"Txokea Diario de Navarra rekin izan genuen, baina ustelkeria kasuan erabat sartua zegoelako egin zuen egin zuena. Arduradun nagusia CANeko Kontseiluan zegoen. Hau eta beste bi arduradun ziren helikopteroko bidaietan ibili zirenak. Oso barregarria zen", dio.
EAEra etorrita, panorama mediatikoa beste bat da. Ahoztar Zelaietak galdetzen du ea Vocento eta Prisa taldeko hedabideei interesatzen zaien EAJren ustelkeria azaleratzea. "Vocentoren atzean BBVA dago, eta Prisarenean Santander. EAJk oso ongi idatzi du bere historia boteretik. EiTB kontrolatzeaz gain, bi talde mediatiko hauekin ere loturak dituzte; CiUk ez bezala. PPk izan dezake negozioa Vocentorekin, baina Prisarekin ez. PSOEk Prisarekin bai, baina Vocentorekin ez. EAJk, ordea, biekin ditu. EAJren Pandoraren kutxa irekitzeak askoz arrisku gehiago dakar, askoz eragin kolateral gehiago ditu", dio.
Vocento eta Prisako hedabideek ehunka milaka euro jasotzen dituzte urtero aldundietatik eta Eusko Jaurlaritzatik, Hekimen elkarteak eskatuta Eusko Legebiltzarreko txostenean ikus daitekeenez. Euskara sarean sustatzeko Jaurlaritzaren diru-laguntzetatik Vocentok 187.000 euro jasotzeak eta konparaziorako, ARGIAk 17.000, haserrea eragin zuen orain hilabete gutxi. Zer gertatuko zatekeen publizitatea hedabide guztien artean modu parekatuagoan banatzea erabakiko balute, eta beraz, Euskal Herrian administrazioak gehien bultzatzen dituen hedabideek milaka euroko publizitate partidak galduko balituzte?
Ezker abertzalea eta EAJ, gako garrantzitsua
Honaino helduta, galdera bat airera: ezker abertzaleak egin al dezake ustelkeriaren aurkako borroka politiko sakona, baldin eta horrek oztopatuko badu EAJrekin independentziaren aldeko ituna egitea? "EAJren gai hori gakoa da, historikoki gakoenetako bat", dio Patxi Zamorak.
Markel Olano eta Xabier Olano, EAJko eta EH Bilduko Gipuzkoako Diputaziorako ahaldun izateko hautagai zirela, ARGIAko Xabier Letonak egindako aurrez aurrekotik , pasarte bat:
Markel Olano: Nik erabaki eskubidearen alde egingo dut eta gure jendeak ere bai, baina ez dago baldintza objektiborik ezker abertzalearekin elkarlanean aritzeko, eta hori egiten ez den bitartean, herri honek jai dauka arlo honetan. Joseba Permach Azpeitiko Auzitegira badoa, han ustelak eta mafiosoak garela esaten badu eta hurrengo minutuan erabaki eskubidearen aldeko elkarlana eskatzen badigu, horrek duen ahuldade politikoa beldurgarria da. Gure aurkako gorroto handia dago eta horregatik, herrietan normalizazio politikoaren aldeko dinamikak bultzatu behar dira.
Xabier Olano: Ezin zaio inori eskatu horren izenean ustelkerien zantzuen aurrean bestaldera begiratzea. Bi bideak jorratu behar dira.
Markel Olano: Baina Permachek zera nahi du: "Zu, mafioso, etorri nirekin erabaki eskubidea lantzera". Norbaitek pentsatzen badu horrela zerbait egin litekeela desorekaren bat du.
"Ez du ezertarako merezi Panamako Paperak edo Bidegi salatzeak, ez bagara konturatzen hau estrukturala dela, aurre hartu behar zaiola", dio Ahoztar Zelaietak. "Nik EAJri eta PPri ustelkeriaren aurkako akordio bat eskainiko nieke EH Bildu eta Podemosetik. Ez dadin EAJren aurkako zerbait izan, eta bere afiliatu eta bozkatzaileek ez ditzaten lerroak itxi. Alderdia garbitzeko balia dezaten, barruan dituzten botere egitura klientelistak gainditzeko, agian, ez dietenak uzten presoen edo Gure Esku Dagoren gaietan gerri politikoa izaten. "Gehiago ikusten ditut, hala ere, arerio politikoaren jokoan desgastatzera doazela, ustelkeriari buruzko kriterioak finkatzen baino".
Markel Olano eta Eneko Goia, Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Donostiako alkatea (eta Gipuzkoako Azpiegitura diputatu ohia) hurrenez hurren, Bidegi auziari buruzko ikerketa batzordean. (Andoni Canellada / Argazki Press)
AHT, nor da arduraduna?
Patxi Zamorak uste du ustelkeriaren aurkako jarrera dela "alferrikako azpiegitura handien" aurkako borrokak babestea. AHTri buruz galdetuta, Valentzia eta Madril arteko zatia ireki zutenean bertara joan zen AEBetako goi kargudun baten anekdota kontatzen du. "Espainiako Ministroak galdetu zion ea zer iruditu zitzaion, eta honek erantzun zion, ederra, fabulosoa, baina han ez zutela dirurik horretarako. Hori da gertatzen dena. AEBetan ez dute dirurik AHTrentzat, eta hemen zertan dabiltza?".
Nafarroako egoera ekonomikoarekin, AHTa egiten jarraitzea "ez dagoela nondik eutsi" uste du. "Hor sartu beharra dugu, Kontuz! gisako erakundeok ardura politikoak eskatzen ditugu, dirua lapurtu ala ez. Nor da desastre honen arduraduna? Kirofanoak itxita ditugu aurrekontu faltagatik, gaixoen zerrenda luzeak. Zergatik ez dugu medikuntza fakultate publiko bat jartzen? Baliabide falta. Eta eutsi ezin zaion zerbaitetan xahutzen dugu. Nor da arduraduna?", galdetzen du.
Adibide pedagogiko bat: "Zure etxean, bi bazarete eta bietako bat lanik gabe geratu bada edo soldata jaitsi badizuete, erosiko al zenuke 20.000 euroko plantxa bat? Ziur izugarri ongi plantxatzen duela, baina ez zenuke erosiko. Jana, arropa eta zure gastuetara bideratzen duzu daukazuna. Hau gauza bera da eta ez dago nondik eutsi. Oso garrantzitsuak diren kriterio ekologikoez gain, oinarrizko gauzak dira".
Aurrera begira zer?
Hasteko, ustelkeriaz hitz egitean, izen abizenak eman behar direla ere azpimarratzen du Patxi Zamorak. "Ausardia falta ikusten dut askoren artean", dio gai hauei buruz arduradunen izenik esan gabe hitz egiten dutenekin haserre.
Justizia ez dela independentea eta lan egitea konplikatua dela, dio Zamorak. Nafarroako Gobernu berriak hartu zuen konpromisoetako bat Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa antolatzea izan zela oroitzen du, eta badakien arren ari direla lanean, bi urte pasa direla eta aukera ezin dela galdu uste du. "Erabat beharrezkoa da tresna publiko bat, Kontu Ganberaz gain, ustelkeria kontrolatzeko eta herritarrek era anonimoan gauzak konta ditzaten".
"Motxila" mugimendu sozialek eraman behar dutela defendatzen du Ahoztar Zelaietak. "Honek guztiak eragina du gure bizitzetan, eta horregatik babestu behar ditugu mugimenduak, jendea sentsibiliza dezaten. Esnea eta ogia garesti ordaintzen ari gara zerga ihesagatik eta ondasun publikoen erabilera okerragatik".
"Egia da batzuetan frustratuta sentitzen zarela", dio Adi!-ko Unai Mendizabalek. "Ematen du ustelkeriak ez duela oihartzun edo zigorrik. Hala ere, ni ez nau frustratzen epaiketa bat ez irabazteak. Guk salatu nahi dugu ustelkeria sistemaren kontua dela, eta hori bermatzeko prestatuta dagoela. Euskal Herrian interes berezia egon da ustezko oasiak aurrera jarrai dezan: EAJri, bere garaian CiUri bezala, gauza batzuk onartzen zaizkio mesede politikoen truk. Guztiak daude sartuta: epaileak, fiskalak, poliziak eta hedabideak".
EAEn Kontuz-en inurri lana egitea falta dela uste dute Adi!-tik. "Informazioa eta jendea falta zaigu, informazioari filtroa jartzea, zerbait mamitsua topatzea une jakin batean". Gakoa lanean eta antolakuntzan dagoela diote. "Lortuko bagenu gaia kalean egotea, jendearen artean egonezina sortzea... bikaina litzateke lurralde bakoitzean halako talde bat, gizartea sentsibilizatzeko eta elkarren artean lan egiteko".
"Hemen ustelkeriarik ez dagoela uste duen jendeak bideo bat oroitarazten dit. Madrilen tipo bat kexaka Udalak kutsaduragatik hartutako neurriekin: Non dago kutsadura? Ez da ikusten esaten du. Hemen berdin".
Gauza ugari egin daitekeela dio Zelaietak. Adibidez, paradisu fiskalik gabeko eremuak, herri, elkarte eta udal sarea hitzarmenak egiten ari da lan publikorik ez esleitzeko paradisu fiskaletan egoitzak dituzten enpresei.
"2007tik hona presio fiskala jaitsi dute enpresentzat, iruzurraren egile nagusiak dira, eta oraindik Urkullu eta Rajoyri dei egiten diete akordioa egiteko. Basakeria da! Oso izorratuta gauden garaiotan gogoratu behar dugu, higiezinen burbuilaren ondorioak herritarrok jan genituela, mundu mailako lan prekarietatea ezartzen ari direla, eta orain zerga iruzurra biderkatzen ari direla. Kristoren drama dator, eragiten digu eta ezin da horrela jarraitu", itxi du elkarrizketa Ahoztar Zelaietak. | news |
argia-756886d736d4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/nekazaritza-kultura-eskoletara.html | Ikasleen begirada liburutik baratzera altxatzen | Garazi Zabaleta | 2017-05-28 00:00:00 | Ikasleen begirada liburutik baratzera altxatzen
"Landaguneari bizkarra eman dion gizartean bizi gara. Hiritartutako eremuan bizi da gehiengoa, landa eremutik eta nekazaritzatik urrun". Nekazaritza kultura eskoletara egitasmoaren bultzatzaileek maiatzaren 11n Zizurkilen egindako agerraldiko komunikatuaren lehen hitzak dira. Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteek ( Landaola ), Eusko Jaurlaritzako Ingurugelek eta Donostiako Cristina Enea Fundazioa k elkarlanean sustatu dute proiektua, ikastetxeek landa-guneko arazoen inguruan hausnartzeko paper garrantzitsua betetzen dutelakoan.
Nekazaritza kultura eskoletara, nola?
Nekazaritzaren eta elikaduraren inguruan hausnartzea eta landa eremura begirada bideratzea dira proiektuaren helburuetako batzuk. Horretarako, 2016-2017 ikasturtean hazien inguruko bi jarduera egin dituzte ikastetxeetako gaztetxoekin: Hazi ezkutuen bila ekimenean ikasleek beren inguruan (familia, bizilagunak, herrikideak, eta abar) zeuden haziak aurkitu behar zituzten, eta haien inguruko informazioa bildu, ereiten duten pertsonen laguntza baliatuta. Egitasmoan parte hartu duten hamar eskoletako ikasleek guztira 70 barietatetako ehundik gora hazi lortu dituzte. Ez da makala!
Hazien aterpea deituriko jardueran, berriz, baratzea duten eskoletan hazien banku txikiak sortzea da helburua. Beren baratzeetatik eta inguruko baratzezainengandik lortutako haziak gordetzen dituzte, urtez urte ikastetxeko hazi bilduma aberasteko. Aurrera begira, ekimenean parte hartzen duten ikastetxeen artean hazien sarea sortzea da asmoa. Cristina Eneako Haziera hazien artxiboan gordeko dituzte bildutakoak. Jada bilduma osatzeko lanean ari dira Gipuzkoako hamar ikastetxe.
Kurtsoa bukatuta ere, ekimenak
Nekazaritza kultura eskoletara ekimenean parte hartutako ikastetxeek emaitzak besteekin elkarbanatu nahi dituzte. Horretarako, ikasturtean zehar egindako dinamiken bidez lortutako informazio eta haziekin erakusketa eginen dute orain: Hazien erakusketa ibiltaria.
Parte hartu duten ikastetxe guztietatik pasatuko da erakusketa, ekintzaileek elkarren berri izan dezaten eta gainontzekoek egindako lana ezagutu dezaten. Maiatzetik ekainera eta irailetik urrira eginen dute aurkezpen bira. | news |
argia-26122b1e9ce1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/austeritatearen-arriskuak.html | Austeritatearen arriskuak | Baleren Bakaikoa Azurmendi | 2017-05-28 00:00:00 | Austeritatearen arriskuak
Apirilaren 2an bete ziren hamar urte azken krisialdia hasi zela, herrialde aurreratuenak "motelaldi ekonomikoan" murgiltzen hasi zirenean. Gerora, finantza erakunde piloa joan zen hankaz gora eta zenbatetsi da herrialde aberatsek beraien BPGren %50 inguru mobilizatu zituztela ekonomia berpizte aldera. Izan ere, dirutza horiek erabili dira bankuak erreskatatzeko; mailegu bereziak eman zaizkie bankuei dirua izan dezaten maileguak eskaintzeko; eta hori gutxi balitz aktibo kutsakorrak erosteko, eta horretarako banku berriak sortu dituzte. Hots, dirua politikarako erabili zen motelaldiaren lehenengo urteetan, ortodoxia ekonomikoak eskatu bezala, politika fiskal oro saihestu eta.
Guztiori aplikatu zen, baina sistema ekonomikoa hazkundean oinarrituta baldin badago, sistema kapitalista dagoen bezala, eta hazkunde hori oso apala baldin bada, politika ekonomiko horrek porrot egin duela esan daiteke. Eta hori gertatu zen 2008tik 2010erako tartean. Izan ere, uste zen finantza egonkortasunera heltzen bazen, globalizazio ekonomikoa bermatuko zela: merkatu librea eta inbertsiotarako askatasuna, hori baita neoliberalismoaren aitak, Milton Friedman Chicagoko irakasleak ziurtatzen diguna. Alta, herrialde garatuetako BPG %1,5 ingurukoa izan da, Txinakoa asko apaldu da, eta Errusiak eta Brasilek ez dute egoera hobea izan, hazkunde negatiboak izan baitituzte urte askotan.
Begi-bistakoa da kapitalismoak erakargarritasun oro galdu duela, hazkundeak bakarrik ez baitu ongizaterik ekartzen, ezta lanpostu duinik sortu ere. Beraz, egoera horrek ekarri du planteamendu berriak azaltzea non erantzukizun oro globalizazioari eta merkatu libreari egozten zaizkien, fenomeno horiek txirotasuna areagotu besterik ez baitute egin
Gardenki ikusi zenez, neoliberalismoak porrot ikusgarria jasan zuen eta ondorioz ahots bat baino gehiagok zioen kapitalismoak lurra jo zuela: Nicolas Sarkozyk berak zioen "kapitalismoa birsortu behar zela" edo kapitalismoarenak egin du, Lawrence Summersek aitortu zuen moduan. Ustekabean zenbait ekonomialari keynesiar bihurtu zen: Financial Times egunkari neoliberaleko zutabegile ospetsu batek, Martin Wolfek, "orain denok keynesiarrak gara" zioen. Neoliberalismoaren itxurazko porrota. Baina ez, oraindik bizirik zegoen, bizitza asko baititu.
Begi-bistakoa da kapitalismoak erakargarritasun oro galdu duela, hazkundeak bakarrik ez baitu ongizatea ekartzen, ezta lanpostu duina sortu ere. Beraz, egoera horrek ekarri du planteamendu berriak azaltzea non erantzukizun oro globalizazioari eta merkatu libreari egozten zaizkien, fenomeno horiek txirotasuna areagotu besterik ez baitute egin. Hortik isolamendu politikak indartzea eta etorkinekiko neurriak eskatu beharra aldarrikatzea: Donald Trump AEBetan, edo Marine Le Pen, Geert Wilders eta beste hainbate Europar Batasunean.
Abagune sozio-ekonomiko honetan politika ekonomikoak bi bide har zitzakeen: gizarte gastuen bidez gizarte hobeago batera jotzea, II. Mundu Gerrate ostean gauzatu zen bezala edo eskuinagora biratzea, nazionalismoa indartuz. Eta azken bide honi heldu diote mendebaleko agintari nagusiek, sozialdemokratak barne.
Abiatu den politikak ondorio larriak ditu Marck Blyth ekonomialari eskoziarrak frogatu digun bezala, Austeridad: Historia de una Idea Peligrosa -n. Izan ere, austeritate politika aplikatu den aldiro, l. Mundu Gerran Alemaniari aplikatu zitzaionean bezala, ondorioz faxismo-nazismoa sustatu zen; gaur egun Europan, Greziatik hasita, ondorio berera iristen ari gara, baita Polonia edo Hungarian ere, ahaztu gabe Alemanian sortzen ari den Alternatiba, edo zer esanik Espainiako egoera tamalgarria.
Kontuz, beraz, austeritate politika iraunkorrak ekar lezakeenarekin. Esaten diguten oparotasuna sortu ordez, txirotasuna, langabezia, marjinazioa eta alde ekonomikoak areagotzea besterik ez du ekarri orain arteko austeritateak. Eta era berean, faxismoari ateak irekitzen ari zaizkio. | news |
argia-3ca9153b25fd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/logopedia.html | Komunikazioaren fisioterapeutak | Ainhoa Mariezkurrena Etxabe | 2017-05-28 00:00:00 | Komunikazioaren fisioterapeutak
Logopedia "R" hizkia "ondo" esaten lagundu eta marrantak lausotzen dituen terapia gisa definitzea motz geratzea da. Komunikazio arazoen aurreikuspena eta balorazioa lantzen ditu, besteren artean.
Gero eta jende gehiago joaten da logopedarenera. Maider Egino Sagasta logopedaren hitzetan, jendearen kontzientziazioa, gaixotasun edo arazoei izenak jartzea eta lanbidearekiko sentsibilizazioa dira arrazoietako batzuk: "Jada ez dugu esaten 'nire alaba alferra da eta kito'. Orain izena jartzen diogu gertaerari eta konponbidea ematen saiatzen gara".
Logopediak bi arlo lantzen ditu batik bat. Hezkuntzakoa: ahoskera, hizkuntza atzerapena, letrak gaizki esatea, irakurketa, idazketa... Eta klinikoa: ahotsa, mingainaren kokapena, garuneko kalteak, iktusak, alzheimerra, enboliak... Egoera hauetan guztietan hizkuntza arazorik balego, logopedarekin landuko litzateke. Arazoak norberak edo beste inork detekta ditzakeela gaineratu du Eginok: "Neurologoek, pediatrek, dentistek, otorrinoek, irakasleek, orientatzaileek eta gurasoek ezinbesteko papera dute honetan. Gero eta gehiago hartzen da kontuan, zorionez".
Kontzientzia eta lanketa
Era berean, aitortza lortzeko borrokan dabiltzala kontatu digu eta ezjakintasunaren aurreko lanketa egiten, arazoen jatorriak "desegokiak" direnean ez baita asmatuko konponbidearekin. "Hortzetako aparatua hiru urtez eramateak ez du ezertarako balio, mingainaren kolokazioa gaizki izan eta lantzen ez bada, gerora hortzak berriro mugituko liratekeelako; arazoa ez litzateke konponduko", adierazi digu logopeda arrasatearrak. "Gaizki ahoskatzearen jatorria mukiak izan daitezke. Mukiek belarriak ixten dituzte eta entzumenaren kalitatea okertu. Entzuten duguna ahoskatzen dugunez, gaizki ahoskatzera eramango gaitu. Sudurra garbitzea oso garrantzitsua da". Horretarako, urpean igeri egitea gomendatzen du.
Beste ahoskera arazo batzuk estetikoak soilik izan daitezkeela aitortu du eta norberak erabakitzen duela landu ala ez: "Hitz egitean letrak nahasten baditugu eta ahoskeran soilik eragiten badu, ez lantzea erabaki dezakegu, baina esan bezala idazten badugu, bigarren arazo bat sortuko zaigu: idazkerarena". Eginok azaldu digunez, pertsona batzuek 'R' hizkia zuzentzeko jotzen dute harengana, eta bada 'R'-a "gaizki" esaten ikasi nahi duenik ere".
Lanketa etxean egin beharra
Arazoa erabat konpontzen da zenbaitetan, besteetan komunikatzeko gaitasunak garatu ahal dira, baina batzuetan guztiz gainditzea ezinezkoa izango dela aitortu digu Eginok, alzheimerraren kasuan, esaterako: "Luzera, hitz egiten ahaztuko zaiola badakigu, baina bidean landuko den zerbait da". Askotan, galdutzat ematen denean, garrantziarik ez zaiola ematen gaineratu du.
Hezkuntzaren arloan, bestalde, asko eta asko dira ikasturtea gainditzeko logopedarengana hurbiltzen direnak, gurasoek bideratuta. Eginok dioenez, ordea, arazoak ez dira konpontzen soilik astean logopedarekin pasatako bi orduetan. "Norberak etxean landu beharrekoa da. 24 ordu ditu egunak, 24 ordu arnasak". | news |
argia-40c5ce191ef1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/horrela-bai.html | Horrela bai | Miren Artetxe Sarasola | 2017-05-28 00:00:00 | Horrela bai
Berriatukoa da bera. Eta senegaldarra. Eta ze grazia egiten duen, aizue, berritxuarrez tar-tar-tar hizketan. Ze jatorra. Etorri, gure hizkuntza ikasi, eta gurera moldatu. Horrela bai.
Eredugarri gisa aurkezten dugu euskaldunen indizea %90etik gorakoa duen udalerri batera zazpi urterekin etorrita –eta ordurako ziur aski eleaniztuna izanik– euskara ikasi duen pertsona. Gure gutxitutasunetik, poza ematen digulako. Gure arrazismotik, ezezagunarekiko mesfidantza leuntzen duelako besteak norbere hizkuntzan hitz egiteak. Eta gure chauvinismotik, halakoxea behar duelako etxerako moduko etorkinak.
Ez beste horiek bezalakoa, alegia.
Beste horiek , ordea, beharbada ez dira UEMAko herri batean bizi. Beharbada ez zaie euskara ikasteko doako zerbitzurik eskaini. Beharbada erdaraz hitz egiten diegu geuk. Beharbada, ez zaigu axola zein hizkuntza –nagusi ala gutxitu– den haien berezko hizkuntza, eta hemen hizkuntza hori hitz egiteko aukerarik duten ala ez. Ea seme-alabek hizkuntza horretan hitz egiten ote dieten ala erdaraz erantzuteko joera duten. Eskolan nola lantzen ote den hizkuntza aniztasunaren kontua. Eta nola bizi duten beraiek.
Baina, ze eredugarria berriatuar hori, aizue.
Horrela bai. | news |
argia-f11837dbc3aa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/izotza-egurrean.html | Izotza egurrean | Jakoba Errekondo | 2017-05-28 00:00:00 | Izotza egurrean
Egin du izotzak berea: azioa, txarkeria. Aspaldian ikusi gabeko izotz zuri galantak izan ditugu apirilaren bukaeran. Sator-lana baina agerian, inongo lotsarik gabe: azerikeria. Ikaragarria bota du Euskal Herriaren hegoaldean.
Izotz zuria hauxe da: airean dagoen ura izoztu eta landareen eta lurraren gainean hedatzea. Berez ez da txarra, noiz gertatzen den eta landaredia zein egoeratan harrapatzen duen. Negu gordinean, landareak horretara —hau da, hotzera eta hotzagora— jarrita daudenean gertatzen bada, kalte urriak eragingo ditu. Landareak negua igarotzeko prestatu egin dira, azalak zailduta, zorten eta adarrak izerdiz hustuta eta kimu berriak emango dituzten begiak ezkata sorta batekin babestuta. Hala dio mahatsondoak ( Vitis vinifera ): betor izotza eta garbitu ditzala koko, mamorro eta xomorro. Kalterik egin gabe, mesede galanta egiten baitu izotzak neguan.
Beste sagardotegiko upela da aurten gertatu dena. Neguan hotz egin du, baina haren bukaera eta udaberria berotik eta lehorretik doaz. Segida honekin, landareak ziztu bizian mugitu dira, begi-kimuak azkar ireki puja berriak eman eta sasoiari ekiteko. Sasoiari indarrez ekin eta kimuetan loreak irekitzen dira, gero fruituetan burutuko diren loreetan. Izotzak begia ireki berri samarra harrapatu eta kimuaren puntta berria erretzen badu, gaitzerdi, baina, deskuidu batez, kimua aurreratu antzera eta loreak irekita harrapatzen badu, jelateak kimu eta lore urteko itxaropen guztia erreko du. Halaxe gertatu da Arabako Errioxan. Hori gutxi balitz bezala, kaltea areagotzen duen eguzkia etorri zen: mahasti puntak izotzez estaliak zirelarik eguzki gordina indar betean azaldu. Horrek bat-bateko aldaketa ekarri zuen hotzetik berora, eta kaltea okertu. Zuhaitz eroria, ezpalkatua.
Orain loraldia ia erabat galduta, mahats gutxi izango da, eta mahatsondoak puja berriak botako ditu alde guztietara. Horrek lanak emango ditu, uztarik izango ez dela jakinda. Mahastizainaren ahalegina, erredurak erredura, mahatsondoen etorkizun ahalik eta oparoena bideratzea da. Ardogilearena, aldiz, non edo han ahalik eta mahats onena aurkitzea.
Udaberri honekin, ziztu bizian doaz gora eta gora upategietan dauden lehengo urteetako ardoen eta kalterik izan ez duten mahastietako balizko mahatsen prezioak. | news |
argia-b22130ae4727 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/abertzaletasuna-zertan-dugu-egun.html | Abertzaletasuna zertan dugu egun? | Pako Sudupe | 2017-05-28 00:00:00 | Abertzaletasuna zertan dugu egun?
Azken ehun urte eta gehiagoan euskotar eta euskaldun eta euskal herritar mordoxka ahalegindu da Euskadiren edo Nafarroa Osoaren edo Euskal Herriaren independentziaren alde; askotxok bizia eman dute, bizia galdu eta besteri kendu ere bai. Historia hori guztia oso garrantzizkoa da –aurrekorik gabe ez dago ondorengorik–, baina, bi hitzetan, zertan gara egun?
Azken Aberri Egunak ez dira ikaragarriak izan. Eta bakearen artisauek egin dutena? Hori ikaragarria izan da, jarraibidea erakutsi digute mendebaldekooi: nolako arriskuak bereganatu dituzten eta zein egoki lortu duten ezarritako xedea! Bai, baina presoak askatzearena zailagoa da, giltzak estatuek dituztelako, eta mendekurako erabili nahi dituztelako, bereziki Espainiakoak.
Korrikaren arrakasta ere ez al da pozgarria izan, Euskal Herri euskalduna lortzeari begira? Amaiera non eta Iruñean! Atzo ezinezkoa iruditzen zitzaigun! Bai. Baina folklorismotik ere izan ohi du, eta ofizialtasuna zazpi lurraldeetan lortzetik eta euskara normalizatzetik urrun gaude.
Hogeita batgarren mende honen hasieran, hamar urte baino ez alde-aldera, katalanak guri begira egon ohi ziren, guretik ikasteko. ERCko Carod Rovirak zioen Kataluniatik Euskadiren alderako begirada etengabea zela. Orain alderantziz gabiltza. Axioma bihurtu da esatea herriak bilakatu dituela independentista hango politikari estatutistak, eta hemen ere hala gertatuko dela. Hortik Gure esku dago. Olatua garrantzitsua da eta hura helmugara bideratzeko hainbat arlotako abertzale fin ausartak behar ditugu. Udazkenetik aurrera han gertatzen denak eragin handia izango du gurean; onerako!
Politikatik kultur identitatera etorriz, ERCko militante historiko Heribert Barrerak zioen Euskal Herriak errazago zeukala identitatea mantentzeko, baina hori zioen katalan identitatean katalana ezinbesteko jotzen zuelako eta euskal identitatean, berriz, ez, hemen gertatzen dena ikusita. Hortxe ikusten dut nik arrisku handiena: kulturalki erabat asimilatzearena. Gutxiz gehienak erdal hedabide eta erdal kultur adierazpideetatik elikaturik, nola lortu burujabetza kulturala?
Telesforo Monzonek Patxi Zabaletari ziotson herriek herri bezala irauteko, eguneroko premia ekonomiko eta sozialak asetzeko beharrezkoa denaz gain, ideien eta kulturaren aldetiko borroka ere behar-beharrezkoa dutela, herriak baduelako norbanakoen izatearen aurretik eta ondotik ere, denboran irauten duen nortasuna.
Independentzia politikoa eta kulturala biak ditugu behar-beharrezkoak eta azken honetan hizkuntza ezinbesteko. Lehenik, politikoa behar dugula? Hala jo dute Katalunian. Eta lorturik ere –zaila baina egingarri!–, hizkuntza eta kultura katalana orokortzea kostatuko zaie gehien! Eta guri ere bai. | news |
argia-fdcf3524912b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/azpeitibizi-egitasmoa.html | Nola bultzatu turismoa herri nortasuna eta euskara kaltetu gabe | Onintza Irureta Azkune | 2017-05-28 00:00:00 | Nola bultzatu turismoa herri nortasuna eta euskara kaltetu gabe
Azpeitiko Udalak www.azpeitibizi.eus webgunea zabaldu berri du. Herrira turismoa erakartzeko tresna da, luzea izan nahi duen prozesuaren abiapuntua baino ez. Ondoko gogoeta egin du Udalak: lehentasuna ekonomia sustatzea da, eta turismoa horretarako bideetako bat. Turismoa indartzeak ordea, nola eragingo du udalerri euskaldunean? Nola ekarri bisitariak herri nortasuna galdu gabe?
Azpeitian krisi ekonomikoak gogor jo zuen, langabezia %17koa zen 2013an. Gaur egun %10ekoa da. Langabe gutxiago daude Urola bailarako herrian, baina egoera gehiago hobetzeko asmotan da Udala. Lehentasuna ekonomia sustatzea da, eta besteak beste, turismoa bizitu nahi dute. Gaur egun bi gune turistiko garrantzitsu ditu herriak, Loiolako santutegia eta Burdinbidearen Euskal Museoa. Bisitari gehiago erakarri nahi dituzte, baina ez nolanahi. Azpeitia udalerri euskalduna da. 10.000 biztanletik gorako herrien artean munduko euskaldunena da. 2016ko kale erabilera neurketak dio %81,9k euskaraz egiten duela. 2009an, herritarren %86 ari zen euskaraz. Ahul baino ahulago dagoen hitanoa gehien hitz egingo den herrietakoa izango da Azpeitia. Lehen aldiz egin den kale neurketaren arabera %18,1ak egiten du hika. Alegia, euskara oso indartsu dago, baina horrek ez du esan nahi halako herri euskaldunek hauskortasunik ez dutenik. Azken urteetan, Euskal Herriko udalerri euskaldunenetan euskararen ezagutzak eta erabilerak, biek, egin dute atzera. Turismoak atzerakada azkartu dezake.
Josu Labaka Azpeitiko Udaleko kultura zinegotzia da eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria. Honela azaldu digu turismoaren eta udalerri euskaldunaren arteko harremana: "Udalaren hausnarketa kezka edo arrisku horretatik abiatzen da. Eta galdera da ea horren aurrean zer egiten dugun edo zer egingo dugun. Ezin gara ezkutatu, turismoak arriskuak ditu, baina aukerak ere bai, onurak ditu, onura ekonomikoak. Gaur egun turismoa satanizatzeko arriskua dago, baina turismo masifikatua deitzen den horretatik harago, bestelako turismo bat eginez gero, herriaren garapen sozioekonomikoan eragin positiboa du".
Azpeitiko Udalak argi dauka ez duela herri nortasuna galdu nahi, eta herri nortasuna dioenean erdigunean jartzen ditu azpeitiarrak beraiek, euskara, euskal kultura, herri bizia. Alde batetik, nortasuna babesteko gogoeta egiten ari dira, baina era berean nortasun hori bera bisitarientzat amu dela sinetsita daude: "Ez daukagu zertan gurea ezkutatu eta kanpoan beste nolabait azaldu". Herri euskalduna jarri nahi dute erakusleihoan, atzerritarrentzat, eta euskaraz bizi nahi dutenentzat ere bai. Euskaldunek jakin dezatela Azpeitia euskaraz bisitatzeko eta bizitzeko aukera izango dutela.
www.azpeitibizi.eus
Webgunea da Azpeitibizi egitasmoaren abiaburua. Besteak beste Zatoz onera, zatoz Azpeitira atala dauka. Azpeitiarrak dira protagonista atal horretan eta hainbat bideotan haien testigantzak agertzen dira. Azpeiti gogoangarria atalean berriz, herriko leku, pertsona eta gertakari historiko ezagunei buruzko edukiak bildu dituzte. Horrez gain, Azpeitia inguruan egiteko ibilbideak jaso dituzte, baita lo, jan eta edateko ostatuen zerrenda, eta oinarrizko zerbitzuak ere. Webgunea euskaraz baino ez dago. Bistan da lehen kolpean euskaldunak erakarri nahi dituztela. Gerorako utzi dute beste hizkuntzetara itzultzea.
'Turismoa eta hizkuntza' lantaldea
Bi gaiak uztartuta ez da gogoeta asko egin izan. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, duela hilabete batzuk, turismoa eta hizkuntza lotzen dituen lantaldea lanean hasi da eta Azpeitiko Udalak hausnarketa horretatik edan du. Esan daiteke Azpeitikoa lehen esperientzia dela, UEMAren asmoa gaia lantzen jarraitu eta hainbat proposamen Mankomunitateko udalerrietara zabaltzea da. | news |
argia-95c4eda8596f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/amerika-kapitaina-nazi-bihurtu-da-komikizaleen-errebolta-trumpen-aebetan.html | Amerika Kapitaina nazi bihurtu da: komikizaleen errebolta Trumpen AEBetan | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2017-05-28 00:00:00 | Amerika Kapitaina nazi bihurtu da: komikizaleen errebolta Trumpen AEBetan
Nola ote dago kontua AEBetan, Amerika Kapitaina ere esplizituki faxista bihurtu bada komikiaren azken zenbakietan. 1940ko hamarkadan sortutako pertsonaia nazien aurkako ikonoetako bat izan zen II. Mundu Gerran. Orain, Marvel etxearen azken erabakiak sutan jarri ditu komikizaleak.
Iazko uztailetik bolanteari gogor eutsita gidatzen ari dira Marvel argitaletxea, ekaitza noiz pasako zain. Arrazoia: iragarri zutela marraz eta izarrez jantzitako heroi amerikar erabatekoa, Amerika Kapitaina, Hydra taldeko kide dela; alegia, talde terrorista kripto-nazi bateko partaide. Pertsonaiaren jarraitzaileek ezin izan dute jasan eta sare sozialetan haserrea adierazi dute, Marvelen kontrako boikota eskatzeraino.
Dena esaten hasita, badira ñabardurak: Hydra ez da zehazki talde nazi bat, nazi ohi batek sortu zuen arren –Wolfgang von Strucker baroiak– eta zeregin horretan lagun izan zuen arren Red Skull, Amerika Kapitainaren antagonista nagusia, eta hau bai, nazi petoa. Beraz, tira, ez dago diferentzia handiegirik, ezta? Milaka zalek behintzat ez dute alderik ikusten eta haien haserrea puztu da aurtengo martxoan, Marvelek Hydraren tixertak bidali dituelako komiki-dendetara, saltzaileak animatuz haiek janztera pertsonaiaren bando-aldaketa kontatzen duen Secret Empire seriea komertzialki sustatzeko. "Portaera antisemitak hedatzen ari dira munduan oraintxe. Egin nahi dudan azkeneko gauza da 'Hail Hydra' dioen kamiseta bat nire langile judutar zernahiari jantzaraztea", adierazi dio Utah-ko komiki saltzaile batek The Guardian egunkariari.
Gai honek sortu duen zalaparta ez da ulertzen AEBetako eskuin mutur berriaren goraldiaren testuingurutik kanpo
Argitaletxearen bertsioa bestelakoa da. Ziurtatu dute zaleen kexak entzuten ari direla eta eskatu dute itxaroteko, ikusteko istorio-lerro honen bukaera zein izango den eta orduan ateratzeko konklusioak. Amerika Kapitainaren twist naziaren arduradun nagusiak, Nick Spencer idazleak, zera txiokatu du : "Benetan badiogu 'ez gaitzazue eraman istorioetako gertakari txarretatik, bukaeran dena konpondu arren', orduan istorioek ez dute biziraungo". Argudio ona da, nork uka, eta auziari fikzioaren ikuspegitik helduz gero, badirudi Spencerrek arrazoia daukala.
Baina, puntu honetara iritsita galdetu daiteke ea istilu honen muinean fikzioaren mugei buruzko desadostasunak bakarrik ote dauden edo, kontrara, zerikusi handiagoa daukan AEBetako klima sozialarekin, zeinak azken hauteskundeetan Trump presidente bihurtu duen, eskuin muturra normalizatu eta "alt-right" izen komertzialarekin plazaratu diren neonazien presentzia areagotu. Nazi berri horiek Amerika Kapitaina erabiltzen dute orain supremazismo zuriaren alde eta, Marvelek erabilera horiekin zerikusirik ez duela dioen arren, sinesgarritasun handirik gabe geratu da jakin denetik argitaletxearen jabe den enpresako zuzendari exekutiboak, Ike Perlmutterrek, Trumpen kanpaina finantzatu zuela milioi bat dolarrekin.
Hori ikusita, ulergarriagoa dirudi komikizaleek zentimo bat gehiago jarri nahi ez izatea halako super-bilauaren planak ordaintzeko. | news |
argia-64a021f08dc7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/legealdiaren-erdian.html | Legealdiaren erdian | Kike Diez de Ultzurrun | 2017-05-28 00:00:00 | Legealdiaren erdian
Bi urte joan dira. Lehen urtea, zalantzati. Bigarrena, sendoago; udazkenetik hona, bereziki. Lauko gobernu nafarra errotu ahala, nerbiostuago ageri da oposizioa, garrasika, gezurka, irainka, mehatxuka, alderdi sozialista barne. Nafarroako sozialista gehien-gehienak Pedro Sanchezen aldekoak dira. Atera kontuak. Oposizioaren jarrera kezkagarria izanik ere, are kezkagarriagoa da Iruñeko udal gobernu taldean gertatu berri dena, horrek bai, horrek erdi-erditik higatu dezakeelako hiriburuko aldaketa, eta horren ondorioz, Nafarroakoa ere bai. Ez da batere harritzekoa batzuen eta besteen artean ezberdintasunak izatea eta gai guztietan iritzi-kide ez izatea. Gobernuan badute batzorde bat eztabaidak bideratzeko. Iruñeko Udalean ez, ordea. Horrela, Udala agintzen ari diren lau indarretatik bik –Izquierda/Ezkerrak eta Aranzadik– ohar bat igorri zuten lehengoan hedabideetara gobernu taldea krisiak jota zegoela iragartzeko, eta bazirudien prest zeudela lauen arteko ituna hausteko. Biharamunean, ordea, krisirik ez zegoela erran zuten. To eta no! Aspaldi errana eta frogatua da giro mikaztuak, elkarren arteko lehiak, ezin ikusiek eta azpikeriek ez dutela atarramendu onik ekartzen. Gainera, Iruñean ere ari da aldaketaren bidea urratzen, eta hori begi-bistakoa da.
Bizkitartean, legealdia erdira iritsi den honetan, Nafarroako Gobernuan (eta udaletan ere) den-denak adi-adi daude ea zer ekar dezakeen Nafarroara EAJk PPrekin egindako akordioak. Sekulakoak eta bi entzun ditugu akordioaren aurka estatuko hedabide eta politikari gehienen artean. EAEko ordezkari politiko batzuk ere sutsu mintzatu dira horren aurka; mikroen aitzinean, behinik behin. Eta herritar sumindu batzuek ere gartsu jo dute batzokien aurka. Nafarroan, ordea, bertzelakoa da ikuspegia. UPN, jakina, akordioaren bekaitz da, sekulan horrelakorik aitortuko ez badu ere, inoiz ere ez baitu gisakorik erdietsi Madrilen Nafarroarako. Eta aldaketaren aldeko indarren ordezkariek diote ez legokeela batere gaizki Nafarroak ere diru gehiago baliatu ahal izatea, aldaketa bera errotzeko, sos alde hori arnasbidea izanen baita Gobernuarentzat, bai eta udalentzat ere. Geroa Baik ozenki aditzera eman du hori; bertze hiru indarrek, aldiz, ahapeka, zer gerta ere, ez baita itxurosoa han gauza bat erratea, eta hemen, kontrakoa. Izan ere, kontatu dituzten gai guztiak hitzartu dituzte EAJk eta PPk beren akordioan, eta uste denez, kontatu ez dituztenak ere bai. Hau da, bertzelako gaiak ere izan dira hizpide eta bertzelako kontuak ere hitzartu omen dira; tartean, Nafarroarekin zerikusia duten gauzak, datozen asteotan jakinen dugun bezala. | news |
argia-9e1a7225c9fd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/elurre-iriarte.html | "Ongi bizitzea mundua hobetzen saiatzea da, ez tripaz goiti egotea" | Miel Anjel Elustondo | 2017-05-28 00:00:00 | "Ongi bizitzea mundua hobetzen saiatzea da, ez tripaz goiti egotea"
Herri mugimendua du itsaso, alditan bare, alditan harro. Institutu garaia heldu zelarik murgildu zen ikasle organizazioan, eta orain, irakasle lan egina, eritua, eta lan arautua egiteko gai ez dela, herri mugimenduan segitzen du, mundu hobea egiteko ahaleginean, Baztanetik Euskal Herrira.
Zure berri baino lehen, zure aitaren berri dugu, Pello Salabururen Errateko nituenak. Cuzcoko kronika liburuan leiturik.
Pantxito tratantea. Pello Salaburuk kontatzen du aita hil zen egunean han zela gure aita ere. Erosia ziola gure aitak aratxea Salabururen aitari, eta dirua kobratu eta erori zela zapla lurrera. Pello Salabururen liburuan dator kontatua. Izan ere, gure aita harakina zen, eta baserri batetik bestera ibiltzen zen zerriak eta ardiak erosten.
Ez aita ez ama dituzu Arizkunen sortuak. Bada emigraziorik zure arbasoetan.
Amatxi Erratzukoa zen, aitatxi Amaiurkoa. Amaiurrera esposatu zen amatxi eta han sortu ziren lehenbiziko hiru haurrideak, gure aita tartean, baina Zugarramurdira joan ziren ondoren. Aita ttiki-ttikitik zen Zugarramurdin. Hamabortz urte zituela etorri zen bizitzera Arizkunerat, izeba baitzuen hemen, ondorengorik gabe, eta osaba-izeba haiei laguntzera etorri zen. Aitaren familian zortzi haurride edo baziren eta hiru izeba eta osaba bat Parisera joan ziren lanera, bertze bat Ameriketara, bertze bi fraide joan ziren.
Amak ere badu emigrazio historia.
Ama Itzalletik etorri zen hamabortz urterekin. Itzalle, Zaraitzun, han akitzen da bidea. Hamabortz urterekin etorri zen, familia batean lanera. Itzalletik Arizkunera mundu bat zen orduan. Urtean behin joaten zen Itzallerat gurasoak ikustera. Ikaragarria. Ama hamabortz urtetan etorri zen beretako arrotz zen hizkuntza batean bizi zen herrira, eta hala ere, etxean euskaraz egin izan dugu beti. Mahaian aritzen ginelarik, aitarekin beti ginen euskaraz –hitz bakar bat ere ez erdaraz, sekula santan ez–, eta erdaraz ginen amarekin. Ez dakit nola segituko zituen gure solasak, gaizoak! Pentsatzen dut sufrituko zuela ere, baina guri ttikitan haur solas horiek, fundamentuarekin solas egiten hasi artio egiten direnak, euskaraz egiten zizkigun: zato, tori, pa, jan, lo, xo… Gauza guziak euskaraz egiten zituen, eta orain ere, bere bilobekin, gehixeago egiten du euskaraz, segur aski.
1972an sortua zinenean, bizi-bizirik zegoen emigrazioa hemen.
Osaba, errateko, bizian behin etorri zen Amerikatik. Anaiak ez zuen ezagutzen. Hemezortzi urtetan joan zen hemendik, soldadutzatik eskapo eta Amerikak egitera, eta ez zen etorri 40 urte pasatu artio, bisitan. Gero, itzuli zen Argentinara, eta ez zen honat berriz etorri. Izebak Parisen ari ziren neskame… Zugarramurditik irten ziren denak. Garai batean, hemendik Zugarramurdira joatea aski abentura handia zen, eta erran beharrik ez dago zer zen Parisera joatea.
Zibilizazio hori bukatu da?
Bai. Gaur egun, berriz, gu bortz anai-arreba gara eta bortzak Arizkunen bizi gara. Arras kanbiatu da bizia denbora gutxian. Orain, berriz, badugu Baztanen bertzelako emigrazioa: Latinoamerikako aunitz, marokoarrak, afrikarrak zerbait… Bailaran nahiko laketu direla uste dut. Lana harrapatzen dute, haurrak D ereduan matrikulatzen dituzte… Udalak familia horiekin lan egin zuen hori horrela izateko.
Arizkunen bizi zarete zuek, ikasketak erbestean egina zara zu, erbestean organizatzen hasia.
Oronozen ari nintzen, institutuan, lehenbiziko edo bigarren urtean. Hurbildu zitzaidan Berako lagun bat eta ikasle talde bat osatzea pentsatu zutela erran zidan. "Bale!", erran niolarik, oroitzen naiz erran zuela: "Ze fite erran duzun baietz!". Ez naiz oroitzen zer egiten genuen, ikasleen eskubideak zein ziren deskubritzen ari ginen, nazioa eta independentzia nahia bizitzen…
Argazkia: Zaldi Ero.
Ikasketak egin eta irakasle izan zinen.
Institutuan ari nintzela alfabetatu nintzen, eta magisteritza Iruñean egin nahi izan nuen, euskaraz. Guti ginen euskarazko adarrean, zortzi-edo izanen ginen, eta azaroak 20 zuen batean, justu, etorri zitzaigun arduradun bat, ikasleen ordezkaria, zer ari ginen galdezka. "Euskal adarrekoak gaituzu" erran geniolarik, berak ez ginela existitzen erran zigun. Orduan jakin genuen gure matrikula ez zela guztiz ofiziala, zinez legearen araberakoa. Manifaz manifa eman genuen urtea gure ikasketak onartu artean. Kurtsoa onartu ziguten, baina gure adar hark ez zuen aitzina egin: "Euskaraz egin duzue lehenbiziko maila, baina orain erdarazko adarrera iragan, edo bazoazte hemendik". Eta Donostiara joan nintzen bertze bi urteak egitera, euskaraz. Ondoren, egokitze maila bat egin eta Pedagogia egin nuen.
Nafarroako herri franko ibili zenituen irakasle zinela.
1995-96an irakasle hasi nintzen Sartagudan, hilabeteko ordezkapena eginez. Handik Zarautzera joan nintzen, eta hurrena berriz ere Sartagudan ari nintzen. Handik goiti urte osoko kontratuak izan nituen Lekarotzen, Garraldan, Zugarramurdin, Mendillorrin, Donezteben, Almandozen… Irakaskuntzan jendea kurri ibiltzen da hasmentan. Urte horietan, abuztua akitzean joaten zinen Iruñera, Hezkuntza ordezkaritzara, eta merkatua ematen zuen hark. Hantxe zituzten plazak eta irakasleon zerrendak. Erraten zituzten gure izenak, eta hautatzen genituen herriak. Nik, adibidez, bi aldiz hartu nuen Zugarramurdi, eta hartu nuelarik, jende artean aditu zen halako "ufff!" hots bat. Iruñeko jendeari urrun zaio Zugarramurdi. Niretako, aldiz, zoragarri Zugarramurdi.
Gaixotasunak eten zuen zure irakasletza?
Ezgaitasuna eman zidaten artio izan nintzen irakasle. 1998an hasi nintzen medikuarekin, mendira joaten nintzelarik, edo maldetan, eztulka hasten nintzelakoz. Argaldu nintzen, eta joan nintzen medikuaren kontsultara. Asma nuela erran zidaten. Tratatu nuen eritasuna, eta eman zidaten esprai horietarik. Ez hartzea erabaki nuen, eta higienismoaren bidetik jotzea. Nahikoa kontrolatu nuen eritasuna, baina mendira joaten nintzelarik, hala ere, eztula beti. Halako batean, 2002an edo, eritasuna gehiago sumatzen hasi nintzen, eta mehetu nintzen pila.
Zein zen eritasuna?
Ez zela asma esan zidan bertze mediku batek Gipuzkoan. Zarautzen eta Getarian ari nintzen lanean, eta han joan nintzen mediku baten kontsultara, pribatutik. Hark, publikoko zerrendetara sartu ninduen, proba batzuk egin behar zizkidala erranik. "Hemen inor ez da aberats izateko behartua", uste dut erran zuela. Hark erran zidan nire eritasuna ez zela asma. Baztanera itzuli nintzenean, hemengo medikuarekin hasi eta erran zidan: "Zure etorkizun bakarra birika transplantea da". Hura izan zen transplante hitza aditu nuen lehenbiziko aldia, eta izitu nintzen, izitu eta haserretu. Eri zaudelarik ahul zara, eta gauza bera bertze modu berean erran eta, onartuko nuke, baina horrela erranda, ez.
Operatu zintuzten.
2009an. Bitartean, probarik proba ibili nintzen, baina ez zuten jakin gauza gorrik, eta gaur da eguna zer zen ez dakitena. "Ez dakigu zerengatik den", paratzen dute paperean. Makrobiotikari heldu nion, ene burua bortxatzen nuen, ez nintzen sofan gelditzen, harat-honat ibiltzen nintzen, baina eritasunak bidea egin zuen eta ailegatu zen momentu bat, goizean jaikitzen nintzen eta jaiki orduko jarri behar nintzen arnasa hartzeko. Kostatu zitzaidan operatzea erabakitzea. Astakeria iruditzen zitzaidan bi birikak transplantatzea. Orain ez dut dudarik, ez naiz batere damu. Arras ongi naiz, nahiz botika pila bat hartzen ditudan egunean, botika kate bat. Ez dut pentsatu nahi ere. Gure aitak erraten zuena botikak hartzean: "Bakotxa bere tokira!".
Lanerako ezgaitasuna eman zizuten 2006an.
Ez nuen gizarterako deus "produzitzen", ezgai sentitzen nintzen. Hala ere, gogor egin eta saiatu nintzen etxean lanak egiten, haurra zaintzen, baina ezinean. Goizean iratzartzen nintzenetik loak hartu artio ezgai sentitzen nintzen. Halako batean, ezgaitasuna jaso nuen, ofizialki. "Ez zara gai". Hura kolpea! Oroitzen naiz joan nintzela Hezkuntzara eta erran niela: "Ni ez kendu zerrendatik, itzuliko naiz"… Ez naiz itzuli, jakina. Horrekin batera, oxigenoa agindu zidan medikuak. Ibilki nintzen etxean oxigeno bonbona bati lotuta. Kolpe ikaragarria izan zen hori ere. Ez nintzen etxetik ateratzen. Hiru urtez ibili nintzen oxigenoarekin, operatu artio.
Argazkia: Zaldi Ero.
Lan arautuaren mundutik kanpo ibiltzeak bestelako ikuspegia eman dizu, Kirika FM, bizi garen munduei begira liburuan ageri denez.
Bai, dudarik ez.
Ikuspegi kritikoa.
Eta baikorra, aldi berean. Kar, kar… Ahal baldin bada, bederen. Paniko pixka bat ere ematen du iritzia plazaratzeak: "Hauxe da nire iritzia, baina sei urteren buruan iritzia alda nezake. Aldiz, hau hemen geldituko da, idatzirik". Momentu jakin batean idatzia da, baina hortxe gelditzen da.
Mundu berri bat egin nahian ari zara, herritik.
Institutuan hasi nintzenetik ibili naiz herri mugimenduetan. Orduan, Ikasle Abertzaleak zen. Erakargarria zitzaidan mundu hori. Ez dakit bertze biderik ere bazen, egia erran. Nik bide hura segitu dut. Operatu nindutenetik "jubilaturik" nago, eta hemen ez dago obrarik begira egoteko. Kar, kar… Baina operatu aitzin eta operatu eta gero ere, bizitza hobetzea da nire lana, izan niretako, nire barrideendako, edo ondorengoendako. Bizitza bakarra dela erraten dugunez, goazen ahal bezain ongi bizitzera. Baina ongi bizitzea ez da tripaz goiti egotea, gezurra da hori, ongi bizitzea mundua hobetzen saiatzea da.
Herri mugimenduan zara beti, (H)ilbeltza astean, mutil dantza parekidearen aldeko Plazara Dantzara taldean, Aroztegia kasuan edo datorrenean.
Egoerarekin kontent ez egotea dago, nik uste, herri mugimenduan ibiltze horren gibelean. Herri mugimendua, zentzu zabalean erranda. Irakaskuntzan dabilen irakaslea engaiatua ari bada, herri mugimendutzat dut nik. (H)ilbeltzan, adibidez, badira irakasleak, alderdi politikoetako jendea, talde feministetakoa, Metaziri argitaletxekoak… Bada nahasketa, gauzak antolatzen batera denok. Herri mugimenduan ibili garenok gauzak antolatzen dakigu; bertzerik dakigun ez dakit. Herri mugimenduaren bertze ezaugarri bat da ez dakizuna ikasteko interesa.
Baztanen bizi-bizirik da herri mugimendu hori. Jendeak esku hartzen du antolatzen diren ekintza eta ekitaldietan.
Zerbait antolatu eta propaganda pixka bat egiten duzularik, jendea erraz mugitzen da Baztanen. Jakinarazi behar duzu, lortu behar duzu jakinaraztea. Hemen –alde onak eta txarrak–, autoa behar dugu gauza guzietarako, eta ez da batere kostatzen autoa hartu eta Arizkundik Iruritara joatea. Jendeak badu interesa, bai.
Zuen herri mugimenduak baditu hainbat aurpegi, hainbat izen, hainbat pertsona.
Herri mugimendua martxan paratzen duzularik, beti pertsona berak solastatzen badu, bere txabola egiten ari dela ematen du, eta gauza ez da horrela, behar dira lanak banatu. (H)ilbeltzan, adibidez, elkarrizketak heldu direlarik, hasten gara txandaka egiten, batak eginen du irratiarekin, bertzeak telebistarekin… Jendearendako lan erraza da, eta publikoak ere ikusten du ez dela pertsona bakar baten afera. | news |
argia-1d7cfc07b108 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/txirrindulariak-ez-harrapatzeko-gakoa-kontzientziazioa-da-ez-isunak.html | "Txirrindulariak ez harrapatzeko gakoa kontzientziazioa da, ez isunak" | Ane Eslava Serrano | 2017-05-18 00:00:00 | "Txirrindulariak ez harrapatzeko gakoa kontzientziazioa da, ez isunak"
Geroz eta ugariagoak dira txirrindularien istripuak, autoek harrapatuta. Valentziako harrapaketak eta Ane Santesteban, Chris Froome edo Nicky Hayden profesionalen istripuek mahai gainean jarri dute arazoa. Zergatik harrapatzen dituzten autoek txirrindulariak?
2017a urte tragikoa izaten ari da txirrindularientzat. Istripu larriena maiatzaren bostean gertatu zen: edanda zegoen emakume batek sei txirrindulari harrapatu zituen eta hiru hil ziren. Beste asko izan dira, baita txirrindulari profesionalenak ere: Ane Santesteban errenteriarrak istripu larria izan zuen martxoaren 17an eta apirilaren 22an Chris Froomek –Frantziako Tour-aren irabazlea hiru aldiz– istripua izan zuen. Azkena asteazkenean izan zen; auto batek Nicky Hayden moto gidaria harrapatu zuen bizikletan zihoala, eta larri dago.
Biziz Bizi txirrindularien elkarteko kideengana jo dugu, azal diezaguten zeintzuk diren istripu gehiago egotearen arrazoiak eta konponbide posibleak. "Arrazoi nagusia da ziklismoa modan dagoela eta geroz eta bizikleta gehiago daudela, eta auto gidarientzat molestia bat dira", azaldu du Javi Umaranek.
Kontzientziarik ez dagoenez, auto gidariek ez dituzte neurriak betetzen, Umaranen ustez: "Metro eta erdiko distantzia gorde behar dute eta bidegurutzeetan txirrindulariek duten lehentasuna errespetatu, baina ez dute egiten. Eta horri abiadura eta alkoholaren eraginak gehitzen zaizkio", azaldu du. Biziz Biziko kidearen ustez, neurri eraginkorra izango litzateke txirrindulari asko dauden errepideetan marra gorri bat margotzea, metro eta erdiko distantzia zehazteko.
Umaranen aburuz, gakoa kontzientziazioan dago, zigorretan baino gehiago. "Egun dauden neurriak errespetatuko balituzkete, nahikoa izango litzateke, neurri gehiago jartzeak ez du ezertarako balio, jendeak ez baditu betetzen", azaldu du. Horren ordez, jendeari errepidearen arriskuen inguruko informazioa helaraztea funtsezkotzat jo du.
Horretarako, ezinbestekoa da autoritateek ardura hartzea, haren ustez, eta azken ezbeharrak gertatu arte "beste aldera begiratu dutela" dio. "Arazoa betidanik egon da, baina muturreko egoera batera heldu arte ez dute ezer egin", salatu du. Gertatutakoaren ondorioz pausoak ematea espero duela esan du. | news |
argia-619b2b9263a2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/rosan-bosch-ikasketa-paisaien-diseinatzailea.html | "Egungo ikasgela diziplina ezartzeko sistema da, ez ikastekoa" | Jabi Zabala | 2017-05-28 00:00:00 | "Egungo ikasgela diziplina ezartzeko sistema da, ez ikastekoa"
Diseinua hezkuntza sistema aldarazteko tresna moduan darabil Rosan Bosch artista holandarrak (Utrecht, 1969). Montessori eskola batean hezi zuten, eta egun estudio arrakastatsua zuzentzen du. Danimarkan errotuta dago, baina mundu osoan gauzatu ditu proiektuak. Bere abiapuntua: ikasgela suntsitu, "ikasketa paisaia" bihurtzeko.
Zeintzuk dira zure diseinuen helburuak, zer eragin nahi duzu haurrengan?
Motibazioa da helburu nagusia. Nekez ikasiko duzu zerbait, motibatuta egon ezik. Zure buruari erronka egitera bultzatzen zaitu motibazioak, jakin-minak eramaten zaitu, ikastera bultzatu... Haurrengan ikasgura bultzatzea da helburua, independente sentituz beren kabuz ikasi nahi izatea. Hezkuntza sisteman paradigma-aldaketa da hori: atazak agintzen dira hor ere, baina barruko motibazioa da indartsuena. Eskolen egungo diseinuak ez du ahalbidetzen aldaketa hori, kontrol sistema moduan planteatuta baitago.
Zertan egiten du huts egungo diseinu horrek?
Gauza askotan. Nagusiki, haur multzoa gela batean sartzen duzunean, aldi berean gauza bera egin dezaten, banakotasuna galtzen dute eta denok ez dugu era berean ikasten. Batzuek isiltasuna eta isolamendua behar dute kontzentratzeko, bestetzuek musika jarrita eduki edo mugitu beharra dute... Elkarri traba ez egiteko moduko ingurunea sortu behar duzu.
Eta ikasgelak ez du balio?
Hezkuntza proiektuak lantzen ditugu, eta ikasgela bera da arazoetako bat. Ikasgela txikia baino, gune askoz zabalagoak behar dira. Guk ez diegu ikasgela esaten, ikasketa paisaia baizik. Jolastea ikastea da. Adibidez, eskola batean sumendien paisaia egin genuen; barruan irakasleak denei berbaldia egiteko moduko gune zabala dago, baina baita bakartuago egon ahal izateko txokoak ere, ikasleek aukera dezakete nora joan hobeto ikasteko.
Horrek balio al du ikasleak adinean gora doazenean, curriculumari kasu egin eta azterketak gainditzeko serioago ikasi behar dutenean?
Azterketei buruz ere luze hitz egin genezake, baina… Nork dio azterketak gainditzeko erarik onena ikasleak irakasleari begira mahaietan banatuta ezartzea dela? Pentsamolde zaharra eta faltsua da, neurozientziak ezeztatua. MIT ikastegiak azterketa egin zuen, eskola magistraletan euren arreta neurtzeko, eta 20. minututik aurrera ikasleen garuneko aktibitatea izugarri jaisten da. Diziplina ezartzeko sistema da ikasgela hori, ez ikastekoa.
Baina adin guztietarako balio dute sumendi eta txirristek osatutako paisaiek?
Ez da adin kontua, kultura eta identitatearena baizik. Adibidez, nazioarteko eskola garesti batean izan nintzen lehengoan, luxuzko eraikina dute baina kezkatuta daude, ikasleek XXI. mendeko abilidadeak garatzeko arazoak dituztelako. Txirrista duten enpresak ere badira, tristea litzateke hori lehen hezkuntzara mugatzea.
Arbelak eta mahaiak kanpora orduan?
Ez dira berez txarrak, jesartzeko eran eta norabidean dago gaitza. Arbela horman dagoen orrialde modukoa da, maiz irudiekin azaldu behar dira gauzak eta erabilgarria izan ohi da. Inportantea da ez egotea egun osoan hor, jarrera murritz horretan. Hala ere, mahaiak bakarrik kenduta ez duzu ezer konpontzen, portaera aldaketa behar dute eskolek, irakasleek eta ikasleek.
Gelaren aldaketa fisikoak aldaketa integralagoaren parte beharko du, hortaz. Zeintzuk dira aldaketa horiek?
Pedagogia eta eraketa aldaketak dira, eta azken horiek dira zailenak. Horregatik dira halakoak eskola gehienak, irakaslearen lanaldia antolatzeko moduaren ondorioz. Hainbeste ordu gela batean eskolak ematen... Gure planteamenduan, ordea, irakasle mentorea dute ikasleek, baina mugikortasuna dute. Taldeen artean mugitzen dira, egitura malguagoak dira. Berbaldi labur bat dago eta ondoren zure proiektua lantzen duzu, irakasleak lagunduko dizu. Paradigma aldaketa dago, ikasketa pasibotik aktibora. Aldaketa zaila da, nekeza, eta inbertsioa behar du.
Zein da irakaslearen rola eredu horretan?
Irakaslea coach modukoa da. Apurka-apurka erantzukizuna hartzen duzunean, zure skateboard -a eraiki nahi duzu eta laguntza emango dizu irakasleak, informazioa nola lortu, aholkatu, lagunduko dizuten ikaskideekin bildu... Eskolatik irtetean ikasten jakitearen jarrera hori zurekin eramatea da helburua.
Gurasoek segurantzia nahi dute, emaitzak...
Egun lantzen ditugun proiektuak ez dira gobernuetatik sortuak, eskoletatik eta gurasoengandik baino. Beraiek dakusate haurren garapen holistiko baten beharrizan hori. Ni ere ama naiz eta eskola hauek ez dituzte emaitza akademiko kaskarragoak ematen, bai ordea haur zoriontsuagoak. Euskal Herrian, esan didate, ikasgelak edukitzera behartzen zaituzte curriculumak. Mundu perfektuan ez litzateke curriculum eta azterketarik egongo, baina mundu errealean, tamalez, badaude.
Ikasgelak ez eze, lantokiak ere birdiseinatzen dituzue.
Ospitaleak, negozio guneak, erakusketak, museoak, enpresak… Dena lotuta dago eta enpresen kasuan, xehetasun batzuk ezberdinak dira baina ez horrenbeste. Adibidez, Lego enpresarekin ari gara lanean, langileen ikasketan interesa baitute, euren arteko komunikazioan, jolasean, identitatean... | news |
argia-51ae6a7da25a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/gipuzkoako-herriartekoko-finalistak.html | Ziri-demarako prest | Estitxu Eizagirre | 2017-05-28 00:00:00 | Ziri-demarako prest
Auzoa dira Gipuzkoako Herriartekoan finalera iritsi diren bi taldeak. Am...ona (Amasa-Villabona) eta Karidadeko Benta (Zizurkil-Asteasu). Amaia Agirreren ikasle izateak elkartu zituen txikitan, eta Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak lotzen ditu gaur. Beren bertsokerak otañotarren, Pello Errotaren edo Zabalarenetik gehiago du azken hamarkadetan Euskal Herrian nagusitutako joeratik baino. Entzuteko, maiatzaren 27an Azpeitian duzu aukera.
Villabonako Amasa kafetegian elkartu gara bi taldeetako bertsolariekin (Joseba Otaegi salbu, lan erreleboan baitzen). Euskal Herriko punta bateko eta besteko bertsolariak sartu-atera dabiltza kafetegian, Bertsozale Elkartearen egoitza, Mintzola etxea, ondoan dagoen seinale. Elkarrizketa josiz erantzun dituzte galderak, eta tartean sartu dira, batzuetan kolpean eta bestetan zeharka, kideen ziriak. Hizlari trebeak dira eta bizitza arpajotzea dela sentitzen du batek hauen artean.
Herriartekoan 38 taldek hartu dute parte eta bertsozaleen artean sarea josteko balio izan duela kontatu digute. Ander Goikoetxea Arana da, bertsolarietan, horren adibide; bera da salbuespena, txikitatik Amaia Agirreren irakasle izan ez dena: "27 urterekin helduentzako bertso-eskola antolatu genuen Villabonan. Geroztik, tarteka, lagunartean eta aritzen ginen. Herriartekorako Amona taldeko antolatzaile aritzeko deitu zidatenean, nik kantatu egingo nuela esan nien". Oihana Iguaranek berehala: "Bagenekien bertsotarako deituta ez zenuela onartuko, eta antolatzeko deitu genizun, ondoren bertsotarako zirikatzeko asmoz".
Herriko zaleenak gai-jartzen eta epaile lanetan lotu dira bertsolariekin eta saioetan eta prestaketetako bileretan "ederki gozatzen" ari dira. Beste herrikide batzuek, kalean pasatuta "bertsolari!" ezagutzen dituzte orain, sekula saioetan ikusi gabeak Herriartekoan entzule izan dituzte eta lehia nola doan interesaturik dira: "Zizurkildarrak oso zizurkildarrak dira, eta Asteasukoak zer esanik ez! Horrelako herrietan Herriartekoak tira egiten du, bai pelotan eta bai bertsotan" kontatu du irri-erdika Unai Mendizabalek. Jende asko mugitu du Zizurkil-Asteasuko Pello Errota taldeak.
Karidadeko Benta taldea. Ezkerretik eskuinera: Igotz Alkorta (gai-jartzailea), Joseba Otaegi, Unai Mendizabal, Haritz Mujika, Mikel Maiz (ordezkaria) eta Jon Ormazabal (epailea). Argazkia: XDZ
Bi talde hauetako bertsolari gehienek probatu dute bestelako txapelketa, Gipuzkoakoa eta Euskal Herrikoa. Herriartekoa "beste zerbait" dela kontatu dute, "ikusteko gutxi" duena bakarkakoarekin. Batez ere, taldean eramaten delako ardura, emaitzaren erantzukizuna partekatua delako, gozoak eta gaziak taldean bizitzen direlako eta helburuak jartzerakoan hain estu hartu ez dutelako: "Alegiko saioan gertatu zitzaidan, ez nuen egun onik izan, baina 'besteak ondo ari dira', horrek lagundu zidan eusten". "Hi, bada, espabilatu hadi, ze ez diagu beti bestek eutsiko, e!". Agirrek gehitu du bertsolari bakoitzak zer ariketa egingo dituen aukeratu ahal izatea luxu handia dela bertsotan, "ongien egiten dakizunera jartzeko aukera ematen baitizu". Baina bertsolari bakoitzak 6 bertso kantatzeak "luzitzeko tarte txikiegia eta huts egiteko tarte handiegia" dakarrela dio. Zentzu horretan, txapelketa arruntetan norberaren lanarekin gusturago geratzeko aukera egoten dela. "Herriartekoan agurra berezia izatea garrantzitsua izan da zentzu horretan, agurra prestatzen ederki pasatu baitugu, eta oholtzan kantatzea ere gozamena izan da" gehitu du Oihana Iguaranek. Bi talde hauen agurrak entzule askoren memorian gelditu dira. "Gure artean prestatzeko bildu, eta bertsotan baino denbora gehiago eman izan dugu agurra prestatzen!" aitortu du Beñat Iguaranek. Bertsoa ez dela hitza soilik agerian geratu da ariketa horretan zer elementu prestatzen dituzten galdetuta: "Uste dut doinuarekin asmatzea dela gakoa. Tractor amarillo hartu genuen batean. Behin doinua aukeratuta, hitzak azkar etortzen dira" bota du Mendizabalek. "Edo hurrengoan, bi ahotsekin jokoa egitea pentsatu genuen..." Mujikak.
Larunbateko finaleko agurra prestatzen ariko dira honezkero. Amasa-Villabonako Amona taldean lau bertsolari dira, eta hiruk kantatuko dute egun handian. Nortzuk? Azpeitira jo beharko dugu jakiteko, galdetuta erantzun hau jaso dugu-eta: "Aste honetan saioa egin beharko dugu gure artean eta gaizkien aritu dena etxera. Epaile, kontrarioak".
Am..ona! taldea. Ezkerretik eskuinera: Iñaki Otaegi (gai-jartzailea), Oihana Iguaran, Beñat Iguaran, Aritz Garin (epailea), Ander Goikoetxea eta Amaia Agirre. Argazkia: XDZ
"EZ GARA POESIA ASKO EGITEKOAK"
Asteasun biltzen zen taldeari txikitatik antzematen zitzaion Amaia Agirreren eskola. Euren bertsokera definitzeko eskatu diegu: "Hitz egiteko modua ere badugu ezberdina, behar bada bizi garen inguruaren eraginez", Mendizabalek. "Ez gara gu poesia asko egitekoak", jarraitu du Mujikak: "Bertsoa saltzen badakigu, mantso kantatzen, egoten. Saiatzen gara hizketan bezala bertsotan egiten. Gure erara egiten, ez gara saiatzen milagroak egiten". "Entenditzeko moduko bertsoak egiten ditugu", Beñat Iguaranek. "Ahozkotasunaren ahalik antzekoena egiten saiatzen naiz, euskalkiari ez ihes egiten", Mendizabalek.
Erreferenteez galdetu diegu. Garai batekoen artean, Joxe Agirre nabarmendu dute. "Lasarteren bertsokerak liluratu ninduen, eta edukiz, Xalbadorrek", gehitu du Oihana Iguaranek. Jexux Mari Irazu, Unai Agirre eta Aitor Mendiluze aipatu dituzte oraingoen artean. "Onena Maialen!", gehitu du Mujikak, "baina hori ez dugu erreferente, egiten duena egiten saiatu ere ez gara egiten, urrutiegi dago", bereizi du Mendizabalek.
BAKOITZAK BESTEAREN AURKEZPENA BERTSOTAN
JOSEBA OTAEGI SAIZA
33 urte. Bizitokia: Zizurkil. Egunerokoa: Mekanizatuko langilea.
"Sorpresa" gisan hasi
zena jo eta ke.
ia bihurtu zaigu
taldeko alkate.
Ze kantakera jantzi,
ze arrazoi kate,
oraindikan edonor
harritu dezake.
(Haritz Mujikak jarritako bertsoa)
UNAI MENDIZABAL JAUREGI
25 urte. Bizitokia: Zizurkil. Egunerokoa: Bertso irakaslea.
Irakaskuntzan eta
plazan aparrean
eta militantzian
ere indarrean.
Abaniko zabal bat
da jende aurrean
hamaika erregistro
ahots bakarrean.
(Amaia Agirrek jarritako bertsoa)
HARITZ MUJIKA LASA
21 urte. Bizitokia: Asteasu. Egunerokoa: Haur Hezkuntzako ikaslea eta bertso irakaslea.
Arrazoiak eskaini
ditzake lerruan
edo barreak bildu
bertso amarruan.
Nahiz eta aingeru bat
dirudin larruan
deabru bihurri bat
darama barruan
(Unai Mendizabalek jarritako bertsoa)
OIHANA IGUARAN BARANDIARAN
26 urte. Bizitokia: Amasa. Egunerokoa: Bertsoaren agenda doktore-tesia egiten ari da.
Hanka puntetan dantzan
hasi zen haur hura
oinak puntutan dator
hazi zen mundura.
Sarea du oinarri
talde bat aingura
ta nahi duen puntura
Harituz heldu da.
(Amaia Agirrek jarritako bertsoa)
BEÑAT IGUARAN AMONDARAIN
28 urte. Bizitokia: Amasa. Egunerokoa: Montatzailea.
Zirtoa dago bere
dohainen ilaran
baina askoz gehiago
da Beñat Iguaran
hitz neurtuen pizti hau
ehiztari nola dan
kartutxo bat prest dauka
beti rekamaran.
(Oihana Iguaranek jarritako bertsoa)
ANDER GOIKOETXEA ARANA
33 urte. Bizitokia: Villabona. Egunerokoa: Unibertsitateko elektronika irakaslea.
Buruz argia eta
zorrotza eztena
sorpresa bihurtu da
erokeri zena.
Orain arte dotore
egin arren dena
Azpeitin egingo du
saiorik onena.
(Beñat Iguaranek jarritako bertsoa)
AMAIA AGIRRE ARRASTOA
39 urte. Bizitokia: Asteasu. Egunerokoa: Bertso irakaslea.
Bertso munduan ez da
ibili gordea
ofizio danetan
abila ordea.
Sakonean sakona
fina umorea
gai-jartzen ona eta
bertsotan hobea.
(Ander Goikoetxeak jarritako bertsoa)
Bailaran ereindakoaren uzta
Irakaslea bere ikasle ohiez inguratuta ikusiko dugu Herriartekoaren finalean. Agirrek kontatu du taldea osatzea izan zela bere helburua: "Ni hasi nintzenean Tolosan eta Hernanin zeuden bertso eskolak. Tartean ez zegoen ezer. Hernanira eta Tolosara joaten nintzen, ederra izan zen bide hura baina neketsua ere bai. Horregatik egin nuen ahalegina duela 20 urte nire herri inguruan (Villabona) bertso eskolak sortzekoa. Inguruko udaletxeetara jo eta zain zeuden nork horrelako zerbait eskainiko! Ordu erdiko bileran lotzen genituen egoitzak eta aurrekontuak. Bertso eskolak jarri genituen Asteasun, Villabonan eta Zizurkilen, oso erraz! Urte batean 13 bertso eskola ematera iritsi nintzen, nola heldu nola ume, pentsa! Horietako bakoitzean aurrera jarraitzen zutenak, Asteasuko taldera ekartzen nituen kotxean. Taldearen babesa da gakoa aurrera egiteko". Gaur egun egoera oso ezberdin ikusten du, Bertsozale Elkarteak hezkuntza arautuan zabaldu duen sarea asko estimatzen du, bertso eskolak badira, ondoren Tolosaldeko gazteak biltzen dituen Harituz Bertsozale Taldea...
"Bi lo eta bertso-eskola" asteazkena noiz iritsiko pasatzen omen zuten astea txikitan, denek xamurki gogoratu dutenez: "Lau orduko bertso eskolak egiten genituen, bertsoaz gain beste gauza pila bat eman dizkigu eta horregatik lotu gintuen Amaiak bertsotara" kontatu du Mujikak. Talde giroa elikatzeko, bertso eskolak eskolatik gutxi eta ongi bizitzetik gehiago izan zuela azaldu du Agirrek: "Gaztetxotatik eramaten nituen bertso afaritara, egunpasak egiten genituen elkarrekin...". Agirreren ikasle izandakoak irakasle dira egun, eta Asteasuko taldea daraman Mujikak eskola horri jarraitzen dio: "Saioetara hamar minutu lehenago ez, pare bat ordu lehenago joaten gara, beste herrietako jendea ezagutu, litxarreria batzuk jan...". Beren herrietan bertsolaritza bizi egiten dela eta urtean behingo saio nagusiak indartsuak direla estimatzen dute. "Gauza handia da txikitan herri saio handi horretan buruz ikasitako bertsoak kantatzea. Horrela hasi ginen plazaratzen" kontatu du Mendizabalek. "Eta bertsotan idoloak dituzun horien ondoan egotea! Futbolean ari den umeari Xabi Prieto eskolara etortzea bezala", jarraitu du Mujikak.
Gaztetxotan, Tolosaldean Harituz Bertsozale Taldea martxan jarri zuten, egun bailarako bertso eragile nagusietakoa bihurtu dena: "Bere garaian Hamaika Bertute ekimenak elkartzen gintuen bertsozaleak. Hura bukatu zen, eta bailarako herrietako bertsolariek eta zaleek beharra sentitzen genuen elkartzeko, herrietan sakabanatuta baikeunden. Elkarrekin biltzeko, eta herrietan saioak eta ekimenak antolatzeko" kontatu du Beñat Iguaranek. Ibiltaria egiten dute, astero herri batean bilduz. 15 bat bertsolarik parte hartzen dute Harituzen eta era askotako ekimenak antolatu dituzte, esaterako, bertso eskolak, urtero egiten duten bertso jarrien afaria... Hurrengo ikasturtean beste urrats bat eman nahi dute, Tolosaldeako ahalik herri gehienetan bertso eskolak jarriz: "Ni naiz taldean gazteena, eta hamalau bat urteko hutsunea ikusten dugu. Bertso eskolak sustatuta belaunaldi berriak ekarri nahi ditugu Harituzera" kontatu du Mujikak. "Herri txikietan ere lau bat umeko taldea osatzeko aukera ikusten dugu, eta kozkortzen direnean bailarako dinamika ibiltarira batzekoa". Herriartekoak ekarri dien oihartzuna ere alde izan dezatela. Aisialdian ere "konpetentziak" pilatzeari garrantzia handia eman zaio beti, eta bertso eskolak jarraitzen du "umorea", "hizkuntzaren plazera", "elkarrekin gauzak antolatzea", "lagunartea" estimatzen dutenentzat luxuzko esperientzia izaten. Gazte hauek bota digute aurreko belaunaldiak ere kontatzen duen sentipena: "Gure garaian bertso eskolara joaten ginenok arraroak ginen". Denbora-pasaren artearekin gozatzen duen arraro horietakoa bazara, adi, hurrengo ikasturtean izan dezakezu aukera. | news |
argia-ba4ced5f25a6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/indian-agroekologia-zero-aurrekontuko-nekazaritza-esaten-da.html | Indian agroekologia 'Zero Aurrekontuko Nekazaritza' esaten da | Pello Zubiria Kamino | 2017-05-28 00:00:00 | Indian agroekologia 'Zero Aurrekontuko Nekazaritza' esaten da
Agroekologia ez da hirietako ekologista snob jendearen edo beren soro-baratzeak kimikoz pozoitzeari uko egiten dioten nekazari erradikalen kontua, Mendebaldean askok pentsa lezakeenaren kontra. Kuban ez da, eta atzerritarren blokeoak jendea gosez ez hiltzea lortu zuen. Indian, berriz, nekazaritza industrialak txirotasunera eta suizidiora kondenatutako laborariei duintasunez bizirautea ahalbideratzen die.
Gasteizen elikadura burujabetzaz antolatutako Elikadura21 biltzarrean aurkeztutako hainbat esperientziaren artean, zenbaiti deigarri egingo zitzaion Indiatik etorritako Ashlesha Khadsek hamar minututan laburtu zuen Zero Budget Natural Farming eredua. Mexikoko Chiapaseko Colegio de la Frontera Sur institutuan jardun ondoren, gaur sorterrian ari da Amrita Bhoomi Centre nekazari ikasketen zentroan.
1993tik gaurdaino 250.000 pertsonak egin du bere buruaz beste Indiako nekazarien artean. Amrita Bhoomi erakundeak dioenez, atzerriko merkatuekiko menpekotasuna eta agro-industriako konpainiek baserritarren artean sortu duten zorpetzea daude horren sustraian. Baserri gehienak daude zorpean Indian, ez da txikien arazoa soilik, erdi mailako bezala handiak ere kateatuta daudelako. Landa eremutik ehunka milioi pertsonak alde egin du hirietara bizimodu bila, nahiz eta megapoli eta txabolategietan ez dieten askorako balio beren etxaldeetan ikasitako ezagutzak eta txirotasun larrira kondenatuta dauden.
Nekazarien bizimodua hobetzeko ahaleginen artean indar handiz zabaldu da ZANN Zero Aurrekontuko Nekazaritza Naturala (ZBNF ingelesezko hizkiz), batez ere Indiako hego aldean. ZANN estrategiak nekazariei itxaropena ematen die kredituekiko menpekotasuna hautsi eta produkzio kosteak errotik murrizteko, zorren gurpil zoroa amaituz.
"Zero Aurrekontu" kontzeptuak hemen esan nahi du krediturik gabe eta kanpotik ongarri edo botikatan inolako gasturik egin barik, eta "Nekazaritza Naturalak", berriz, naturarekin bat eta kimikorik gabe lan egitea.
Nonbait zabaldu baldin bada ZANN tximistaren abiadan hegoaldeko Karnataka estatuan izan da, Subhash Palekar liderraren ZANNren estrategiak eta La Via Campesinako kidea den KRRS Karnataka Rajya Raitha Sangha mugimenduak elkar hartuta.
KRRS mugimenduak milioika nekazari mobilizatu ditu multinazionalek hartu duten hazien kontrolaren aurka, "Hazien esklabutzaren aurkako desobedientzia zibila" antolatuz. Bere lider ezagunena Mahantha Nanjundaswamy zen, globalizazioaren aurkako ekintzetan ere ezaguna; berak sortu zuen Amrita Bhoomi ikastetxea.
Gaur ZANN ereduaren buru nagusia Subhash Palekar (1949) da. Baserritar familia batean sortua, agronomia ikastera joan zen unibertsitatera. Ikasketetan harremanetan sartuta Indiako tribuekin, hauen arazoek markatu zuten sakon. 1972an gurasoen etxera bueltan haien segida hartu zuen Palekarrek, baina aitak ordura arte landu izan zuen nekazaritza naturala alde batera utzita, unibertsitatean ikasita bezala Iraultza Berdearen produktu kimikoetan oinarrituta eraberritu zuen etxaldea.
Kimikarekin hasieran bere lurrek gero eta uzta hobeak eman zizkioten arren, 1985etik aurrera ohartu zen ekoizpenak murrizten hasi zirela eten gabe. Tarte horretan, maila intelektualeko gizona izanik, aztertuak zituen Karl Marx, Mahatma Ghandi eta Indiako erreferentzia hinduista klasikoak. Bere lurren produkzio industrialaren gainbeherak bultzatuta, sei urteko ikerketa lanetan murgildu zen, bereziki aztertuz zuhaitz eta basoen dinamikak, jakina denez hauek gizakien inolako laguntzarik gabe bizi baitira beren buruak elikatuz eta ingurukoei ere etekinak eskainiz.
Munduko nekazari askoren erreferentzia nagusia den Masanobu Fukuoka japoniarrari asko zor dio Palekarren sistemak . Baina Fukuoka budistaren ideia Palekar hinduistak zorrotz egokitu du Indiako nekazari oso txiroen beharretara.
Bizirauteko oinarrizko kita
Boluntario sare zabal batean oinarritzen da Karnatakako ZBNF mugimendua, herrika modu informalean funtzionatzen du, eskualde bakoitzak bere estiloan, nekazarien arteko elkar laguntzan oinarrituta munduan ezaguna egin den " Campesino a Campesino " ereduan.
Ekintza antolatu zentralizatuak ere badituzte tarteka. Indian osoan gurutzat hartua den Palekarrek berak ematen dizkie baserritarrei 5 eguneko ikastaro trinkoak, egunero 8 ordukoak, 300dik 5.000 arteko jende multzoak bilduta, gizon eta emakume, heldu eta gazte. Hiru euro eta erdi sinboliko kobratzen zaie pagatu dezaketenei, aterpetze, otordu eta gainerakoak boluntarioen gain doazela. Hor Palekar luze eta zabal mintzatzen da, filosofia eta ekologiaz bezala lurrari uzta ateratzeko xehetasun txikienez.
Palekarri guztiek aitortzen dioten meritua izan da nekazaritza ekologikoaren printzipioak Indiako jende txiroentzako halako erreminta kaxa sinple batean bildu izana. Emergentziazko tresnak, zorpean eta sarritan miseriaraino abailduta dauden baserritarrek eskueran dauzkaten osagaiekin lanean hasita berehala eskuratu dezaten gutxienez bizirauteko adina elikagai.
Baserritarrek ikasten dute nola egin nork bere etxean eta kanpoko inori sos bat pagatu gabe egin oinarrizko kita osatzen duten lau lagungarriak, soilik erabiliz antzinatik sagaratuak diren behien pixa eta simaurra, lurra, zenbait lekaleren irina eta zenbait landare ongarri ahalmena dutenak. Izen banarekin bataiatuta daude lau osagai funtsezkoak. Jivamrita , lurraren mikroorganismo eta zizareak ugaritzeko zukua. Bijamrita , haziak hartan bilduta hobeto ernaltzeko orea. Achadana , lurra mundu aberatsean mulching deitzen diogunaren antzera estaltzea bertan ihartutako landarez eta simaurrez. Eta Whapasa ura nola erabili, ahalik eta pittinenarekin laboreek ahalik eta probetxu handiena atera diezaioten.
Ereduaren beste oinarrietako bat da landare moten uztartzea soro eta baratzeetan. Zero aurrekontuak ez baitu esan nahi bakoitzaren kostea zero izango dela, landare ezberdinek elkarren ondoan haziz batzuen eta besteen koste eta beharrak orekatzea da helburua, lekuko uzten ezaugarri eta sinergiak optimizatzea.
Soroetako ertz eta murkoetako hesi eta zuhaitzak erabiltzen dira euri ura finkatzeko bezala inguruko uztak ongarritzeko. Eta garrantzia berezia ematen zaio Indiako Bos indicus behi arrazari, nekazaritzaren osagai funtsezkoa izan delako betidanik, hindu jendearen sinesmenekin bat egiten duelako… eta libre bizi diren behien simaurra ukuiluetako azienda europarrena baino hobea delako soroa ongarritzeko.
Zenbait adituren ustean Indiako ZANN izan daiteke agroekologia alorreko munduko mugimendu zabalena. Milioika familiak praktikatzen du Indian. Haien ordezkariak ezagutu ahal izango ditu datorren uztailean Via Campesinak Bizkaian burutuko duen mundu biltzarrera hurbiltzen denak. | news |
argia-136479ad43d1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/xviii-mendeko-festa.html | XVIII. mendeko festa | Montserrat Auzmendi del Solar | 2017-05-28 00:00:00 | XVIII. mendeko festa
Amaitu da Gasteizko Kontzertu Handien XII. Zikloa, saio eder eta zertxobait intimista batekin. Helsinki Baroque Orchestra taldeak, hogei urteko ibilbidean, musika barrokoaren interpretazio interesgarriak eskaintzen ditu, landuak, non jatorrizko musika tresnen sonoritate bereziak protagonismo handia duen.
Aldi honetan, egitarau zinez erakargarria ekarri ziguten finlandiarrek. Talde honek badu helburu bat (beste batzuen artean): hain ezagunak ez diren barroko garaiko konpositoreen lanak ezagutaraztea. Joseph Martin Kraus (1756-1792) egile alemaniarra da, baina ia lan guztia Suedian egin zuen. Saio honetan konpositore honen Dido and Aeneas ( Dido eta Eneas ) suitearen pasarte batzuk disfrutatu genituen Helsinkikoekin. Musika gozoa eta aldi berean nerbioduna topatu genuen, freskoa. Deigarria izan zen taldearen konpaktazioa eta malgutasuna. Delikadeziaz aritu ziren Dans af Najader och Tritoner zatian, soinu garden-gardena entzun genuen, eta taxuz hartu zuten Stormen izeneko azkeneko pasartea, jatorrizko instrumentuekin hain zaila den soinu-oreka lortuz.
Jarraian, Mozarten aria batzuk eskaini zituzten. Sophie Karthäuser soprano belgikarra benetako luxua izan zen. Bere ahots gardena oso egokia da Mozarten musikarako. Bestalde, nabaria da Karthäuser eta René Jacobs zuzendariaren arteko sinbiosia. Askotan egin dute lan elkarrekin, eta honek errazten du, noski, interpretazio naturala lortzea. Basta, vincesti aria, Dido eta Eneasen istorioan oinarritua, pasioduna eta musikalki orekatua entzun genuen. Bella mia fiamma , addio, berriz, boteretsua iritsi zitzaigun. Ederra. Hau bezain ederra entzun genuen bigarren zatian interpretatutako aria: Beethovenen Ah perfido . Biek dute tankera berdintsua. Izan ere, esaten da aria hau Mozartenaren moldaketa bat dela. Kuriosoa. Horrez gain, bi ariak Josepha Duschek sopranoarentzat idatzi zituzten.
Saioa amaitzeko, Beethovenen 1. Sinfonia do minorrekoa, op. 21 interpretatu zuten. Konpositore alemaniarraren sinfonien artean, klasikoenetako bat da, egituraz gutxienez. Baina berrikuntza nabarmenak aurkitzen ditugu honen barruan: modulazio ugari, mugimendu azkarrak… Beethovenen soinu-mundua hor zegoen jada. Freskotasunez zuzendu zuen Jacobsek. Biribila. | news |
argia-d7cbf494eb24 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/250000-urteko-tresnak-eta-100-urteko-botilak.html | 250.000 urteko tresnak eta 100 urteko botilak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-05-28 00:00:00 | 250.000 urteko tresnak eta 100 urteko botilak
Ramla (Israel) inguruko aztarnategi batean, Erdi Paleolitoko (duela 250.000 urte inguruko) harrizko hainbat tresnarekin batera, ehunka kristalezko botila aurkitu dituzte.
Botilok Europa mendebaldea dute jatorri, gehienak alkoholez beteta zeuden garai batean (ardoa, garagardoa, ginebra, whiskia...), eta, jakina, askoz berriagoak dira, duela mende batekoak, Lehen Mundu Gerrakoak. 1917ko azaroan, soldadu ingelesek, Edmund Allenby komandantea buru, Lod eta Ramla hiriak hartu zituzten eta, Jerusalem okupatzera abiatu baino lehen, inguru horietan egon ziren kanpatuta bederatzi hilabetez. "Tentsioa askatzeko" edan zituzten botila horiek guztiak, Ron Toueg indusketa buruaren arabera. | news |
argia-838dd9c7047a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/sindikalgintza-abertzalearen-erronka.html | Sindikalgintza abertzalearen erronka | Juan Mari Arregi | 2017-05-18 00:00:00 | Sindikalgintza abertzalearen erronka
Sindikalgintza abertzalea, hein handi batean ELA eta LABek osatua, bere iragan eta batez ere etorkizunaren inguruko hausnarketa sakonaren aurrean dago.
Bi sindikatuek, hala nola CCOOk, euren biltzarrak egingo dituzte hilabete honetan eta ekainean. Horietatik aterako diren ondorioak garrantzitsuak dira oso, hurrengo lau urteetan jarduteko oinarriak bideratuko baitituzte, etengabe eguneratzen ari den eta langileen kontrako politikak egiteko batasun erabatekoa erakusten duen Kapitalaren aurrean.
Sindikatu abertzaleen ponentzietan badago ideia bat errepikatzen dena: Biek esaten dute ekintza sindikal bateratua indartu behar dela, kapitalismoaren erasoaldia gainditzeko. Burujabetza prozesua garatu eta bi borrokak –klasearena eta nazioarena– uztartzearen aldeko dira; euren autonomia politiko eta finantzarioa bultzatu nahi dute; ekintza sindikala beste langile eta herri sektoreetara hurbildu… Azken batean, askoz gehiago dira batzen dituzten estrategiak banatzen dituztenak baino. Seguruenik negoziazio kolektiboa izango da bien arteko diferentzia nabariena. Baina adostasunak aurkitu daitezke eta, hor ere, pixkanaka aurrera egin ekintza sindikal bateraturantz.
Ondo legoke bi sindikatuek euren biltzarrak aprobetxatzea biluzteko, soinetik gehiegizko zamak eta protagonismoak kenduta. Aurrean ditugun erronka berriei zintzotasunez eusteko ere balio dezakete bilkura horiek: gazteen edo 45 urtetik gorakoen arteko langabezia, pentsiodunen egoera, prekarietatea, lan-istripuak, genero desberdintasuna, robotizazioa, migrazioak, burujabetza ekonomikoa… Kapitalismoa basatia da, indartsua eta baturik dago, "etengabe berritzen" ari da eta halaxe mugitzen ditu gobernuetako hariak. | news |
argia-0a8dc75afcda | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2555/itsasoan-animaliak-adina-plastiko.html | Itsasoan animaliak adina plastiko | Garazi Zabaleta | 2017-05-28 00:00:00 | Itsasoan animaliak adina plastiko
Gure ozeanoak kutsatzen dituzten hondakin plastikoen gaia orrialde dezente ari da hartzen azkenaldian komunikabideetan. Nazio Batuen Erakundeak berak neurriak hartuko dituela adierazi du, 2020. urterako mikroplastikoak eta erabilpen bakarreko plastikoak ezabatu nahi ditu eta. Zenbaterainoko kaltea eragiten dugu hondakinokin, ordea?
1901eko maiatzaren 14an balea agertu omen zen Orioko kostaldean. Hori dio Euskal Herrian ezaguna zaigun bertso sortak. Antzeko zerbait gertatu da aurtengo otsailean Norvegiako Sotra irlan. Han ere balea agertu zen kostaldean, baina zetazeo hura gaitzak jota, hilzorian iritsi zen itsasbazterrera. Zientzialariek 30 plastikozko poltsa aurkitu zizkioten sabelean. Itsasoko ekosistemetan gertatzen ari denaren –edo egiten ari garenaren– adibidetzat har daiteke balearen kasua.
Erreportaje hau irakurtzeko beharko dituzun hamar minutuetan, hamar zabor kamioi oso deskargatuko dituzte ozeanoetan
"Minutu bakoitzeko zabor kamioi batek daukan hondakin kopurua botatzen dugu itsasora". Esaldi horrekin hasi zuen Ibon Galarraga ekonomialariak bere hitzaldia martxoan egin zituzten EkoFish jardunaldietan, Donostiako Aquariumean. Zer esan nahi du datu horrek? Bada, erreportaje hau irakurtzeko beharko dituzun hamar minutuetan, hamar zabor kamioi oso ozeanoetan deskargatuko dituztela: 120 tona hondakin, gutxi gorabehera. Bada zerbait.
Plastikozko irlak
Ezagunak egin dira azken urteetan "plastikozko irla" izendatutako ozeanoetako zabor pilaketak. Itsasoko ur korronteek gure arrasken antzera funtzionatzen dute: "biraketa ozeaniko" deiturikoak errota formako ur korronte erraldoiak dira, milaka kilometroko diametroa hartzen dutenak. Itsasoan barreiatutako plastikoek eta zaborrek errotaren erdigunean pilatzeko joera dute. Horrela sortu dira egun Ozeano Barean, Atlantikoan eta Indiakoan dauden bost "plastikozko irlak". Handienak, Ozeano Bare iparraldekoak, 1,4 milioi kilometro koadroko azalera du, Iberiar penintsula osoaren bi halako baino gehiago.
Hainbat ikerketaren arabera, planktona baino plastiko gehiago dago itsasoan gaur egun. (Arg.: iStockphoto / Fergregory)
Hainbat ikerketaren arabera, eta Javier Franco AZTIko ikerlariak EkoFish jardunaldietan azaldu bezala, planktona baino plastiko gehiago dago itsasoan gaur egun. "2050. urterako itsasoan arrainak baino plastiko gehiago egongo dela uste da, pisuaren arabera". Baina nondik iristen dira hainbesteko zabor kantitateak gure itsasoetara? Zeintzuk dira hondakin horien iturri nagusiak?
Itsas hondakinen %80 inguruk lehorreko jardueretan dauka jatorria: ingurune industrializatuak eta biztanle-dentsitate handiko tokiak dira iturburu nagusiak, eta lurretik itsasorako sarbidea erreketatik egiten du plastikoen gehiengoak; zehazki, lehorreko jatorriko plastikoen %80 modu horretan iristen da ozeanoetara.
Ozeano Barean, Atlantikoan eta Indiakoan bost "plastikozko irla" daude; handiena, Ozeano Bareko iparraldekoa, Iberiar penintsularen bi halako baino gehiago da
Bestalde, itsasoko jardueretan hondakin gehien sortzen dituena arrantza da. Aipatzekoa da, esate baterako, "mamu arrantzaren" eragina itsas ekosistemetan: utzitako sareek edota arrantzako materialek, aktibo ez daudenek, itsasoko animalia eta organismoak harrapatzen eta kaltetzen jarraitzen dute urte luzeetan, plastikoak degradatzeko behar duen denbora guztian.
Itsasoko ekosistemen hiltzaile
Hondakin plastikoek itsasoko bizidunei eragiten dizkieten kalteez hitz egitean, garrantzitsua da plastikoen tamainaren araberako sailkapena egitea. "Hondakin handiek organismo handiagoei eragiten diete, baleei edota arrainei, esate baterako. Tamaina txikiagoko hondakinek —nanopartikulek, mikropartikulek—, berriz, maila baxuagoko egitura biologikoei eragiten diete", zioen Javier Francok.
Makroplastikoetan jarri zuen arreta Javier Francok bere hitzaldian: arrantzako sareak, plastikozko poltsak, sei latako pack -en plastikoak, plastikozko botila eta ontziak… Nola eragiten die horrek guztiak itsasoko fauna eta florari?
Batetik, organismo asko plastiko zatiekin korapilatu edota urkatzen dira. Itsas hegaztien kasuan, adibidez, 400 espezie ingururen artean 103 dira kaltetuak (%25), eta itsas ugaztunen artean %42 inguru. Korapilatzeek modu askotan eragiten diete animalioi: ahoa harrapatu eta elikadura galaraziz, mugimendu askatasuna murriztuz, gorputzeko atalen anputazioak eraginez edota infekzioak sortuz, adibidez. Animalia ugari hiltzen dira arazo horien ondorioz.
Beste ondorio bat asfixia eta itotzea dira. Batez ere itsas hondoan pilatzen diren plastikoek eraginda, hainbat organismori ezinezko zaio bere funtzio fisiologiko nagusiak behar bezala betetzea. Esaterako, landare-espezie eta komunitate askoren hazkundea murriztu egin da hondakin asko dauden guneetan, eguzki argia pasatzen uzten ez dutelako. Fotosintesia ongi egitea galarazten diete hondakinek mangladi, fanerogamo eta paduretako landare-espezieei eta organismoei. Hainbat koralen kasutan, %85 arte galdu direla kalkulatzen dute zientzialariek arazo horien ondorioz.
Itsas hegazti baten gorpua, sabelean pilatutako plastikozko hondakinak agerian.
(Arg.: Chris Jordan)
Plastikoa irenstea da beste ohiko arazo bat. Itsas hegaztien %40 dira kaltetuak, eta ugaztun espezieen erdiei eragiten die arazo horrek. Animaliek plastikoak beren harrapakinekin nahasten dituzte maiz –horretan plastikoen koloreak eragin handia du–, eta beste zenbait kasutan, animalia filtratzaileenean adibidez, nahi gabe irensten dute. Antzekoa gertatzen da bigarren mailako irenstearekin, hau da, animalia batek beste bat jaten duenean sabelean plastikoak dituela.
Plastikozko confetti -a itsaso zabalean
Jakin badakigu, honezkero, plastikoen ezaugarri bereizgarria dela degradatzeko behar duten denbora luzea. Hori da plastikozko hondakinen arazo handienetakoa gaur egun. Ondoko grafikoan ikus daitekeenez, behin itsasora iritsita plastikoek urteak, hamarkadak edo mendeak ere pasatu ditzakete uretan bueltaka, desintegratu arte. Eta zer gertatzen da plastikoa uretan dagoen denbora luze horretan? Pixkanaka zatitu egiten dela.
"Haustura mekanikoen eta fotodegradazio eta biodegradazio prozesuen ondorioz, itsasoko plastikoak zatitzen doaz, horietako asko mikroplastiko edo nanoplastiko bihurtzeraino". Amaia Orbea EHUko ikertzailea eta PLASTOX proiektuko kidea da. Mikro (bost milimetro baino gutxiago) eta nano (1-100 nanometro) tamainuko plastikoek itsas ekosistemetan duten eragina aztertzen ari da, besteak beste.
Plastikoen ezaugarri berezia, eta haien kudeaketaren arazo nagusia, degradatzeko behar duten denbora luzea da. Behin itsasoan, hamarkadak edo mendeak eman ditzakete uretan bueltaka, desintegratu arte
200.000 mikroplastiko partikula inguru daude gaur egun itsasoan kilometro koadro bakoitzeko, Ekologistak Martxan elkarteak Itsas hondakinak, plastikoak eta mikroplastikoak txostenean argitaratu duenez. Plastiko pieza txiki horiek erpin oso zorrotzak izan ohi dituzte, eta irensten dituzten animaliei zauriak eragiten dizkiete sarritan. Hori gutxi balitz, urteak itsasoan daramatzan plastikoak mikrobio ugari biltzen dituela kontuan izanda, zauri fisikoa ez ezik, patogeno askoren iturburu izaten dira mikroplastikoak arrainentzat, hegaztientzat, eta beste animalia askorentzat.
Arrisku nagusia da beren tamainagatik kate trofikoko oinarri-oinarriko organismoek irentsi ditzaketela. Organismo txiki horiek ondorengoei pasatzen dizkiete herentzian mikroplastikoak, eta modu horretan kate trofiko osoan sortzen dituzte kalteak, kasu batzuetan gure plateretan bukatu arte. "Arazo honek ekosistema osoari egiten dio kalte. Ekosistemak sistema oso konplexuak dira etengabeko hartu-emanean daudenak, eta atal bat kaltetua denean sistema osoak sufritzen ditu ondorioak", azaldu zuen Orbeak EkoFish jardunaldietan.
Gaur egun, plastiko handiagoen degradazioak sortutako mikroplastikoez gain, erabilpen industrialerako propio ere sortzen dira tamaina horretako plastikoak. Kosmetika enpresa ugarik, esaterako, plastikozko mikroesferak erabiltzen dituzte krema eta esfoliatzaileetarako. Milaka, milioika mikroesferak itsasoan bukatzen dute egunero gure saneamendu sistemen bidez.
Nola heldu gara honaino?
1950eko hamarkadan plastiko sintetikoen produkzio masiboari ekin zitzaionetik, esponentzialki hazten joan da material horren produkzio eta kontsumoa. Gaurko gure gizartean plastikoekiko erabateko dependentzia dugu, nonahi dago material hori. "Plastikoarena egungo industria nagusietakoa da, milioika eta milioika euro eta dolar mugitzen ditu urtero", esan zuen Amaia Orbeak bere hitzaldian.
Urtean 300 milioi tona inguru plastiko sortzen dira munduan, eta orain arteko hazkunde joerak jarraituko balu, 2050. urterako 2.000 milioi tonarainoko produkziora iristea aurreikusten da. Larriena da, kalkuluen arabera, fabrikatzen diren produktu plastikoen erdiak erabilpen bakarra duela. "Plastikoen eta itsas hondakinen gaiak gure baliabideen kudeaketa txarraren adibide bat gehiago dira", zioen Ibon Galarragak.
Hondoetako plastiko pilaketak fotosintesia ongi egitea galarazten du. (Arg.: Electrolux)
Izan ere, hondakin plastikoek ingurumenari eragiten dizkioten ageriko kalteez gain, ekonomialariaren ustez kontuan edukitzekoak dira alde ekonomikoak ere. "Plastikoa sortzeko erabilitako petrolio guztiaren eta eragin ditugun kalte guztien ondoren, materialaren balioaren %95 galdu egiten da urtero. Plastikoen hain erabilpen txarra egiten dugu, ezen bere balioaren zati handiena galtzen dugula, komuneko zulotik 100.000 milioi euro inguru botako bagenitu bezala".
Horri gehitu behar zaizkio itsasoko plastikoek sektore ekonomiko garrantzitsuetan, batez ere turismoan eta itsas aisialdian, eragiten dituzten galerak. Europar Batasunak kostalde eta itsasoak garbitzen urtero 630 milioi euro gastatzen ditu, besteak beste.
Plastikorik onena, sortzen ez dena
Zer egin kalteak gutxitzeko? Ekologistak Martxan elkarteak hainbat gomendio ematen ditu aipatutako txostenean, plastikoaren ekonomia zirkular baterantz pausoak ematen hasteko: ezer baino lehen, plastikoa murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea (ingelesezko 3 R-ak: Reduce , Reuse , Recicle ) lirateke eredu zirkular horretara pasatzeko oinarrizko neurriak. "Plastikoaren zikloa zerbait linealtzat hartu dugu beti: lehengaiak hartu, produzitu eta bota", zioen Galarragak. Horri buelta ematea da kontua.
Baina ez da nahikoa 3 R horiek buruz ikastea. Nahitaezkoa da gizarteak ekonomia zirkularraren beharra ulertzea eta jokatzeko modu orokorrean txertatzea, gure etxeetan eta enpresetan, adibidez. Gobernuei eta instituzioei neurriak har ditzatela eskatzea garrantzitsu izanik ere, erosketetara goazenean oihalezko poltsatxoa eramanez, erabilpen bakarreko ontziak baztertuz edota ontziratu gabeko produktuak erosiz, ekintza txiki handi horiekin ariko gara benetan egoera aldatzeko lehen pausoak ematen. | news |
argia-cb578b59fd33 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/daniel-bernabe.html | "Langile-klasea identitate-kontu batera murriztua gelditu da dibertsitatearen merkatuan" | Maria Colera Intxausti | 2018-07-08 00:00:00 | "Langile-klasea identitate-kontu batera murriztua gelditu da dibertsitatearen merkatuan"
Daniel Bernabé (Madril, 1980) idazle eta kazetaria elkarrizketatu dugu argitaratu berri duen La trampa de la diversidad (Akal, 2018) liburua dela eta. Bi hilabetean hirugarren edizioa du dagoeneko, eta zalaparta handia, eztabaida biziak piztu ditu sareetan, jorratzen dituen gaiek jakin-mina eta azkura eragiten dituzten seinale.
Postmodernismoaren ondorioen inpugnaziotzat har daiteke zure liburua. Zuk nola definitzen dituzu Fredric Jameson-ek kapitalismo berankorraren logika kulturaltzat daukan postmodernismoa eta haren ondorioak?
Filosofiaren eta politikaren alorrekoak diren kontzeptu horiek handi samarrak izan daitezke niretzat, idazle hutsa naizen aldetik. Postmodernismoak gure gizartean eta gure jardun politikoan dituen ondorioak aztertu nahi izan ditut. Postmodernismoa garai baten espiritu modukoa bihurtu da eta kontua ez da hainbeste postmodernistatzat jotzen diren autoreek beren liburuetan esan zutena, baizik eta neoliberalismoak nola erabili zituen liburu eta teoria horiek marxismoaren espiritu unibertsalaren kontra jotzeko eta ezkerrean zalantza etengabea txertatzeko, eragotzi nahian XX. mendean arrakasta izan zuten molde batzuk errepikatzea, zeintzuek iraultzak ekarri zituzten eta herriak boterea hartzea.
Gertakari materiala gertatu ostean hari buruz teorizatzen duten beste korronte deskribatzaileago batzuk ez bezala, postmodernismoa etorkizunaren iragarpen auto-bete moduko bat izan zen, teoria haiek, esparru akademikotik kanpo, zatikatu eta herri-imajinarioan modu egokian txertatuta, ezkerraren politika txikitzeko balio zezakeela ikusi izan balute bezala.
1970eko hamarkadaz geroztik hizkuntzak eta semantikak garrantzi ikaragarria hartu dute eta errepresentazioaren esparrura mugatuta gelditu dira gatazka asko eta asko. Hitzean oinarritutako aktibismoaren aurrean al gaude? Nola funtzionatzen du eta zer ezkutatzen du?
Semantikan oinarritutako aktibismoa gehiago da ondorio bat gertakari bat baino. Politikarekin dugun erlazioa joan den berrogei urtean nola aldatu den marrazten saiatu naiz liburuan. Bertan feminismoaz eta langile-mugimenduaz hitz egiten dut, besteak beste, baina ez da gai horiei buruzko liburu bat berez. Horiek gizartean gertatzen diren borrokak dira eta horregatik aipatu ditut, baina feminismoari edo beste inongo politikari jarraibiderik emateko inolako asmorik gabe. Dena den, iruditzen zait nire liburuak egin dezakeela ekarpen bat gauza batzuk ondo ez dijoazela azpimarratzean, ezkerra —zentzurik zabalenean, sozialdemokrazia tradizionaletik mugimendu erradikaletaraino— gizartearen egiturazko alorretan eragiteko eragina galdu baitu hein handi batean eta kontu sinbolikoetan zokoratuta gelditzen ari da.
AEBetan, adibidez, arrazismo-arazo larria dute, eta epaiketarik gabeko hilketa polizialak daude kaleetan, baina kazetariren batek edo pertsonaia publikoren batek nigger hitza erabiliz gero, hedabideen sistematik kanpo geldituko litzateke segituan. Eta horrek paradoxa guztiz kezkagarri bat islatzen du: arazo errealak hortxe jarraitzen du, haren errepresentazio sinbolikoaren borroka irabazi arren.
"Neoliberalismoan dibertsitateak merkatu itxura hartzen duenez, berezitasun identitarioak balioa eransten duela" diozu, eta zapalkuntzen arteko lehia bat gertatzen dela. Zein zentzutan?
Lehengoan artikulu bat irakurri nuen "haurdunaldi subrogatuari" buruz. Bertan praktika horren alde zegoen pertsona bat aurkezten zitzaigun: ez-binarioa, beltza, ijitoa, judua eta "langile-jatorrikoa". Alegia, badirudi pertsona bat zenbat eta espezifikoagoa izan, orduan eta eskubide gehiago dauzkala, kasu honetan emakume pobre bat esplotatzekou eta ume-ekoizle bihurtzeko.
Landu dudan beste gai bat da 1970eko hamarkadatik aurrera lausotuz joan zirela XX. mendean bat egin zuten hiru identitate sendoak –erlijiosoa, klaseari dagokiona eta nazionala–. Basamortu hori zerbaitekin bete behar izan zen, eta zerbait hori klase ertain aspirazionala izan zen. Ez da klase ertain benetazko bat, denok izan nahi dugun identitate kultural kolektibo bat baizik. Langileok klase horretakoak izan nahi dugu eta klase buruzagiek erdian jartzen dute klase hori, pantaila baten modura, beraiek haren atzean ezkutatzeko. Klase ertain aspirazional hori oso homogeneizatzailea da berez, eta, hala, jende guztiak sentitzen du bere ezaugarri espezifikoak gehitu behar dituela dibertsitatearen merkatuan lehiatu ahal izateko. Azkenerako, nahastu egiten dira bizi-estiloak eta identitate politikoa eta ez dakigu zertaz ari garen, ideologiaz edo hobby batez.
Zer pentsatzen duzu indignadismoaz eta biktimismo nartzisista indibidualistan oinarritutako "aktibismoaz"?
Aktibistak izanik, beren xedeak lortzeko artikulazio hori erabiltzen duten pertsonak iruditzen zaizkit kaltetuenak hemen. Zeren, egia bada ere hasiera batean arreta handia piztu dezaketela beren inguruan, azkenean, badirudi horixe dela haien xede bakarra, hau da, ikusgarritasunaren merkatuan lehiatzea eta eztabaida publikoaren erdigunean egotea, eta ez jardun politiko zehatz bat egitea arazo zehatz baten inguruan.
Eta zein da horren arazoa? Ba hori sintoma besterik ez dela eta dena esparru indibidualera eramaten bukatzen duela: alor ideologikoan egiten den edozein kritika norberaren emozionaltasunera eramaten da, azkenean. Twitterren kritika gutxitxo egin didate, baina gutxi horiek ikaragarri gogorrak izan dira baina ez zaizkio liburuaren edukiari lotu, jakina. Kontua da pertsona batzuek ikusgarri izateko modu bikaina aurkitua zutela dibertsitatearen merkatuan eta, bat-batean, erasotuak sentitu dira, baina ez maila politikoan, pertsonalean baizik.
Haurdunaldi subrogatuari buruz aipatzen nizun artikuluan agertzen zen pertsonari buruz, adibidez, esaten zen "langile-jatorria" zeukala. Horrelako gauzetan ikus dezakegu nola murriztu duten langile-klasea –ekoizpenari lotutako kategoria bat zena berez, identitate baten bidez ere azaleratzen zaiguna, jakina– identitate-kontu hutsera; eta nola identitate sozial guztiek partekatzen zuten hori, langile-klasekoak izatea alegia, beste identitate bat bihurtu duten. Horixe da aurkitzen dugun arazo handi bat: ahaztu egin zaigula gehien-gehienok langile-klasekoak garela, estatistika-kontu hutsagatik.
Zure tesiaren arabera, niaren eta dibertsitatearen politiken bidez merkatuak ezin konta ahala aukera eskaintzen dizkigu gure indibidualtasuna aditzera emateko, gure bizi-baldintza materialei dagozkion erabaki guztiak kanpo utzita, ordea. Ideia hori garatuko?
Margaret Thatcherrek 1975ean bere alderdiaren gidaritza hartu zuenean eman zuen hitzaldian unequal hitza erabili zuen. Ingelesez bi adiera ditu hitz horrek: parekotasunik gabea eta desberdina. Thatcherrek adiera biak berdindu zituen eta ordura arte sistema ekonomiko batek bultzatutako egiturazko parekotasunik eza desberdintasun soil bat bihurtu zen, gure artean lehiaktzeko eta desberdinetan desberdinena izateko landu genezakeen desberdintasun atsegin bat. Bitxiena zera da, ordea, neoliberalismoak ikaragarri homogeneizatu gaituela azken hamarkadetan: denok erosten ditugu maindireak Zara Home-n, denok jaten ditugu hanburgesa berdinak, denok joaten gara leku beretara, filmak gero eta elkarren antzekoagoak dira eta liburu gehienak berdin-berdinak dira.
Homogeneizazioranzko joera handi horren aurrean ikusten dugu nola kapitalismo berankorraren etapa aurreratura arte, 1970eko hamarkada amaiera arte, bere desberdintasuna aurkitzeko helduleku bila zebilen gizabanakoa gizabanakoa orain galtzen ari da helduleku hori eta merkatu horretan lehiatzen hasi beharra dauka orain, bere berezitasunak exajeratu egin behar dituelarik, pertsona askoren kasuan kanpotik inposatuak izan arren.
Esaten duzu "neoliberalismoak ez duela emakumeen mugimendua fagozitatzeko aukera galtzen utziko eta desaktibatuta baina dibertsitatearen merkatuan lehiatzeko potentzial handiarekin itzuliko duela".
Oraintxe bertan mugimendu itxaropentsurik bada, feminismoa da hori, martxoaren 8ko mobilizazioetan eta La manada -ren aurkako prostestetan ikusi ahal izan dugun moduan. Sare sozialetan etengabe esaten didate matxista naizela eta argi eta garbi utzi nahi dut nire jarrera. Zinez diot mugimendu itxaropentsuena dela.
Baina zein da arazoa? Ba, Time aldizkariak feminista aukeratzen duenean urteko pertsonaia gisa, azken ehun urtean aukeratu dituzten pertsonaiak ikusita, asmo nabarmenki politikoak ikusten ditugu erabaki horren atzean. AEBen aliatu zenean, Stalin aukeratu zuten; Irakeko gerran, estatubatuar soldadua; arabiar udaberrietan, the protester , iaz, feminista. Orduan, nik beti esaten dut "kontuz ibili zure etsaiekin edo kritikatzen zaituenarekin, baina kontu handiagoarekin txalotzen zaituztenekin".
Martxoaren 8an, adibidez, artikulu bat publikatu zuen aldizkari batek: "Martxoaren 8an jantzi behar dituzun kamisetak", zeukan izenburuan. Alegia, ezinbestekoa duzula arropa hori janztea feminista izateko. Mangok eginak ziren lelo feministak zeramatzaten kamiseta horiek. Eta, aldi berean, beste albiste batek esaten dizu Mangok langile bat kaleratu duela haurdun zegoelako; eta bere kamisetak egiteko siriar errefuxiatuak erabiltzen dituela, esklabotza-baldintzetan.
Horren aurrean, hauxe litzateke Twitterreko ohiko erreakzioa: "Haur-esplotazioaren errua feminismoarena dela esaten ari zara". Ez, esaten ari naizena da kapitalismoa ez dela ergela, ia dena zapuztu digula, eta feminismoarekin ere saiatuko dela. Ez dute klase-feminismoa edo emakumeen zapalkuntzaren egiturazko oinarrien kontra doan feminismo borrokalaria utziko, noski. Zerbait leuna eta atsegina, indibidual eta deklaratiboa bihurtzen saiatuko dira. "Feminista naiz feminista naizela diodalako". Ez ba, feminismoa jardun politikoa da. Hitzak baino ekintzak behar dira: zure antzera pentsatzen duten beste pertsona batzuekin elkartu eta zerbait egin beharko duzu.
Zenbait militante feministaren kritikak jaso dituzu, ezta? Ba al da ondo oinarritutzat jotzen duzun kritikarik?
Liburuari buruzko eztabaida batean feminista batzuek egin zizkidaten kritikak zentzudunak iruditu zitzaizkidan, guztiz. Zera zioten: "Behingoz lortu dugu gure diskurtsoa nolabait artikulatzea eta hementxe zatoz zu, gizona gainera, gure kontu honi eragozpenak jartzera, zapalkuntzei eta pribilegioei dagokionez bereziki, itxura batean ondo funtzionatzen zigunean...". Kritika oro bidezkoa iruditzen zait baldin eta esparru ideologiko edo politikotik egiten bada, eta kritika hori guztiz ideologikoa zen. Ez nuen zertan harekin ados egon, baina ederki ulertzen nuen zeri erantzuten zion.
Gaizki iruditzen zait, ordea, nire liburuaren kontra jotzen duten askok ireki ere ez dutela egin eta esaten dute axola duen borroka bakarra gizonezko langile txuri zisheterosexualena dela diodala nik eta gainerako borrokak txorakeria hutsk direla. Eta hori ez da egia. Gezur borobila da. Hori ez da kritika politiko bat, ezjakitasunari edo asmo txarrari erantzuten dion kritika bat da. Eta zer egin horren kontra? Ba, ez dakit.
"Emakumeei dagokien gairen bati buruz gizon batek esateko daukan edozer gauza baztertu beharra dagoela esatea, inposiziotzat hartzen delako, iritzia emateko aukera identitateri lotzearen berdina dela" diozu. Zer esan nahi duzu?
Nik ulertzen dut emakume0k ahots-defizit ikaragarria izan duzuela, orain dela oso gutxira arte, eta orain emakumeok ahots-aukera handiagoa daukazue, nahiz eta berez emakume jakin batzuek eduki. Emakume gehiago dabil hedabideetan, baina klase eta ideologia zehatz batzuetakoak izan ohi dira. Hori garaipentzat har daiteke? Zuei dagokizue erabakitzea, baina nire inguruko emakume askok diote azkenean emakume berberek hitz egiten bukatzen dutela beti.
Mansplaining -ari dagokionez, egia da gizonok geure iritziak inposatzeko joera daukagula eta beti izan dugula hitz egiteko aukera. Gai feministaren bat aipatzen denean beti saiatzen naiz bigarren plano batean gelditzen, baina, aldi berean, bazterrean gelditzen naizela lepora diezadakete. Eta, orduan, zer da egin behar dudana, zehazki? Ixilik gelditu? Hitz egin? Kontua da bi pertsona heldu eztabaidatzen ari direnean, aukera-berdintasunean, inor ez dela bere iritzia inposatzen saiatzen ari, eztabaidan ari dira. Nire iritziak pisu handiagoa dauka gizona naizelako? Ba, ez. Izango dira, jakina, gizona naizenez eta zuzenean pairatzen ez ditudanez ikusten ez ditudan gauza batzuk... Horrek ez du esan nahi ideia on bat izan badut, gizona izate hutsagatik, ideia hori baztertu egin beharra dagoela eta "Pavo, cállate" [Ixo, txikito] memea erakutsi behar dizutela berehala. Ulertzen dut, jakina, emakumeok kokoteraino egotea, gizonek etengabe mozten zaituztelako... Baina amorru handia ematen dit erantzun hori modu tranpatian erabiltzen denean, eztabaida batean entzuten ari zarena gustatzen ez zaizulako. Eta, gainera, zure iritzia inposatzen ari zarela botatzen dizute. Ez, ni ez naiz ezer inposatzen ari. Berriketan ari gara, pertsona helduen modura.
Edonola ere, eta amaitzeko, kontuz ukitzen gaituen horri buruz baino hitz egiterik ez daukagula esatearekin. Alegia, madrildarra izanik ezin al dut Kataluniako auziaz hitz egin? Edo katalanek ezin al dute ezer esan Gazan gertatzen ari denaz? Kontuz, XX. mendean zehar argi gelditu baita halakoekin zer gertatzen den: gizarteko zenbait talde oposizioa egiteko ezgaitzat jotzea ekarri du horrek. Jarrera horrek alde ilun eta maltzur handi bat dauka.
Gaia zertxobait aldatuz, zein iruditzen zaizu dela kulturaren eginkizuna?
Esparru politikoan legitimitateak sortzen diren substratua da kultura. Botere soila zakarregia gertatzen zaio jende gehienari besterik gabe onartu edo errespetatzeko, eta, hortaz, forma kultural batzuk behar dira hura onargarri bihurtzeko. Horixe da kulturaren eginkizun garrantzitsuenetako bat politikaren alorrean, eta horregatik jotzen dira zentzuzkotzat aukera politiko batzuk eta beste batzuk, ondo arrazoituta egon arren, eta historiako zenbait unetan erabilgarri agertu den corpus teoriko bat izan arren, gauzatu ezintzat hartzen dira nagusiki. Onargarria dena zedarritzen digu kulturak, zer gelditzen den harresiaren barruan; eta zer harresitik kanpo.
Gertakari kulturalak garrantzi handia hartu du azken boladan, baina azkenerako ematen du kulturala dela axola duen gerra bakarra. XX. mendean, aldiz, gauzak egitean oinarritzen zen politika. Orain badirudi egin nahi duguna adierazte hutsagatik gertatu egingo dela. Kulturari eta errepresentazioari lotutako gatazka horietako bat mahai gainean jartzen den bakoitzean, galdera hau egin behar dugu: "Administrazio publikoak zenbat diru inbertituko du egitasmo horretan?". Kanpainak egitea primeran baitago; baina oso ondo dago, halaber, soluzio zehatzak jartzea.
Kulturari eta errepresentazioari lotutako gatazka horietako bat mahaigaineratzen den bakoitzean, galdera hau egin behar dugu: Administrazio publikoak zenbat diru inbertituko du egitasmo honetan edo hartan?". Kanpainak egitea primeran baitago, eta beharrezkoak dira, zalantzarik gabe, baina oso ondo dago, halaber, soluzio zehatzak jartzea. Orain dela urtebete inguru Madrilgo Erkidegoan lan-arazo larri bat egon zen eta indarkeria matxistaren aurkako arreta-telefonoko zerbitzuan ziharduten langileak kaleratu egin zituzten. Esaten ari nintzen moduan, kanpainak eta primeran daude, baina kontu hauetarako dirua murrizten ari bazara, arazo bat daukagu.
Zer dira "gerra kulturalak"? Non kokatzen dituzu eta zein da haien eginkizuna zure ustez?
Iruditzen zait AEBetako kontua direla gerra kulturalak. Europako testuingurura ekarri ditugu baina negozio txarra direla uste dut: politika soilik alor sinbolikoan mugitzearen emaitza dira, ekonomiaz arduratzeko aukera eskuinaren esku utziz. Ekonomia posible bakar bat dagoela eta ekonomia kudeatzeko modu bakarra dagoela onartzen denez, azkenerako ematen du auzi kultural horien inguruan borrokatzea baino ez zaigula gelditzen. Espainiako Estatura Zapateroren gobernuarekin iritsi ziren gerra kulturalak, ekonomian eskuindarra zen gobernu horrek itxurak egin behar baitzituen ezkertiarrak izaten jarraitzen zuten bere boto-emaileen aurrean.
Ikuspegi kritikoa daukazu AEBetako testiunguruan erabiltzen diren terminoak —pribilejioa, autoazterketa— hona modu akritikoan ekartzearekin. Kritika hori garatzerik bai?
Ideia hori ez da liburuaren oinarrian dagoena. Bizpahiru orrialde baino ez dizkiot eskaini, baina egia da zalaparta handia piztu duela. Nik diodana da politikaren indibidualizazio-prozesua gertatuz geroztik dena alor indibidual eta aspirazionalera eramateko joera dagoela gaur egun, klaseari dagokion esparrura eta esparru kolektibora beharrean. Aspirazionala diodanean zerbait ia deklaratiboaz ari naiz: garen hori bezainbeste gara garela diogun hori, eta, beraz, ez gara gure eguneroko bizitzan modu koherente batean jarduten saiatzen, geure bitartez narrazio bat sortzen baizik.
Nik ez dut ukatzen izango dela gizonik bere buruaren azterketa bat egin eta esango duenik "gizarte patriarkal batean hazi eta hezi naizenez, joera matxista ugari dauzkat eta saiatuko naiz horiek zuzentzen". Badago hori gertatzea, jakina. Eta onartzen dut, noski, gizarte patriarkal batean bizi garela eta gizonok matxistak garela. Baina diodana da orokorrean alferrikakoa iruditzen zaidala gizon guztiak beren buruaren azterketa-prozesu baten bidez aldarazten saiatzea. Bekatu katolikoaren kutsua hartzen diot norbera bere barrena begiratzeko zera horri... Eta ez pentsa auzi honetarako konponbiderik daukadanik. Edonola ere, autoazterketaren kontu hori ez da sekula ezkerraren jokatzeko modu klasikoa izan XX. mendean. Historian zehar, klase sozial batek abantaila sistemiko batzuk izan dituenean —egokiagoa iruditzen zait termino hori pribilegio terminoa baino— klase horrek ez die abantaila horiei uko egin auziaren egiturazko oinarriei aurre egin dien borrokarik gabe. Eta hemen bada huts egiten duen zerbait.
Eta zer deritzozu "apropiazio kulturala" kontzeptuaz?
Kontzeptu hori ere AEBetatik iritsi zaigu, hein handi batean. Populazio afroamerikarrak sortu zuen, ikusirik zurien esku dagoen sistema kapitalistak nola bereganatzen zituen etengabe beraiek sortutako erresistentzia kulturalak, beren ezaugarri bereziak, zapalkuntzari aurre egiteko eta talde gisa kohesionatzeko zeukaten modua…, zertarako eta ikusarazteko sistema jatorra zela eta beraiek zentzuzkoak.
Gure esparrura ekarrita, kontzeptu hori maila mikroan erabiltzen da batzuetan, modu neurriz kanpo erabili ere. Eta horixe da egungo aktibismoaren arazo larrienetako bat: egiturazko baldintzak guztiz baztertu eta gero, xehetasunetan jartzen duela arreta guztia, sistemaren funtzionamenduaren gaineko ikuspegi orokorra zeharo ahaztuta. Logika postmodernoaren barruan dena hauteman ezina zaigunez eta konplexuegia gertatzen denez, ba, orduan, espezifikoa den horretan jartzen dugu arrreta.
Ilean rastak egitea apropiazio kulturaltzat har dezakegu? Ba, ez dut uste Jamaikan bizi den jendeari asko axola zaienik Cuencako gizon batek zer egiten duen. Arazoa da elementu arrazistak ez direla soilik kulturalak, gertakari ekonomiko baten adierazpide kulturala baita arrazismoa. Talde sozial eta etniko batzuk esplotatu beharra daukatenez gero, esplotazio hori bidezkoa dela pentsarazteko asmatu zuten pertsona batzuk gure azpitik daudela, eta hortik sortu zen supremazismoa.
Izaterik izan ez zuen horrekiko nolabaitako nostalgia sumatzen da zure liburuan. Zein litzateke, zure iritziz, ezkerrak garatu beharreko proposamen politikoa bizi gaituen orainaldi postmodernoari hemen eta orain aurre egiteko?
Nostalgia elementu itsaskorra da, lepotik heltzen zaitu eta ez dizu aurrera egiten uzten. Ezinezkoa da lehen egon garen leku horretara itzultzea, testuingurua inoiz ez baita gogoan daukagunaren berdina. Ildo horretan, ezkerra dibertsitatearen talde bat gehiago bihurtzen ari da eta ezkerreko kideek beren ezaugarri identitarioak esplotatzen dituzte dibertsitatearen merkatuan lehiatu ahal izateko. Gazte askok komunismoa deskubritu dute krisiaren ondorioz, egia, baina modu soilik identitarioan egin dute: Leninen argazkiak eta bandera gorriak jartzen dituzte Facebookeko edo Twittereko beren profiletan, baina identitate-adierazgarri gisa.
Ezkerrak bizirik jarraitu nahi badu eta ez badu dibertsitatearen talde bat gehiago izatera murriztu nahi, katramila horretatik atera beharra dauka, eta ezin du nostalgiaren bidez egin. Horrek ez du esan nahi ilustraziotik, sozialismotik eta, oro har, modernitatetik ezin dugula ondoriorik atera egin daitekeenari buruz. Izan ere, arrazoiarekin, argudioekin, kontzientzia eta teknologiarekin, eta klase-ikuspegi batekin, mundua eraldatu egin daiteke. Ideia horrek zentzuzkoa izaten jarraitzen duela iruditzen zait niri. Eta ikasi dugun guztia gehitzen badiogu horri, alegia, emakumeak ez direla gizarteko bigarren mailako talde bat, jende guztia errespetatu beharra dagoela haien sexu-orientazioa gorabehera, Europak ezin duela bere ikuspegia mundu osoan inposatzen ibili, etab., ba, askoz hobeto.
Horrela bada, emaitza zehatzak gorabehera, iruditzen zait kontuan hartu behar dugula sozialismoa mundu osora zabaldu zela: Afrikara, Asiara, Europara eta Latin Amerikara. Zerbait ona izango zuen hain leku eta mota desberdinetako jendeak bere testuingurura egokitu zitekeen ideia propiotzat hartu bazuen. Ideia haiek berreskuratu beharko genituzkeela iruditzen zait, eta horixe da nire liburuan diodana. Oraintxe bertan King Kongen uhartean bizi garela esaten saiatzen ari naiz, non dagoen ez dakigun eta denborarik ez duen uharte batean. Gure garai hau Kingo Kongen uhartea bezalakoa da: ez dakigu non gauden eta denboraren neurria falta zaigu. Ez daukagun iraganik. Zerbait nahasia gertatu zen, gauza nostalgikoak berreskuratzen ditugu iragan horretatik eta etorkizunik gabeko geroaldi baten aurrean gaude: dagoeneko ez dugu iraultzarik egin nahi. Etengabeko orainaldi honetan oso zaila gertatzen zagiu geure burua irudikatzea eta norantz jo nahi dugun eta nondik abiatzen garen jakitea. Horra liburuan asko azpimarratzen den beste ideia bat: nola berreskuratu aterabidea. Liburuak ez du ezerren bide-erakusle izan nahi. Kolpe bat jo nahi du mahai gainean, eta esan: "Ea ba, gelditu gaitezen pixka batean eta ikus dezagun norantz jotzen ari garen". Historiaren amaieraren ideia ari gara partekatzen neoliberalekin, horretaz konturatu ere egin gabe.
Azkenik, egokia iruditzen al zaizu ilustrazioaren, sozialismoaren edo modernitaearen egitasmoak etnozentziko edo eurozentrikotzat jotzea?
Garapen historikoaren ondorioz, XIV. mendean aldaketak arabiar munduan gertatu ziren bezala, XVIII. mendetik aurrera aldaketak Europan gertatzen hasi ziren. Horrek ez du esan nahi iraultzari buruzko ideiak soilkik mendebaldarrak direnik. Ideiek duten gauza ona da, onak badira, ez direla inoren jabetzakoak; eta gizadiarentzat erabilgarriak badira, edonork aprobetxatu ditzakeela. Zentzu horretan, sozialismoaren ideia gizon alemaniar batek formulatu zuen arren, ez dut uste Bolivian nekazariak gobernuaren kontra altxa zirenean , pentsatzen ari zirenik alemaniarrek ezer inposatu zietenik, baizik eta ideia on bat jaso zutela, eta beren testuingurura ahal zuten moduan egokitzen ari zirela. | news |
argia-b0d4098c0011 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/karamelu-zaparrada.html | Karamelu zaparrada | Leire Narbaiza Arizmendi | 2018-07-08 00:00:00 | Karamelu zaparrada
San Joan bezpera da, jaiak Eibarren. Danborrada noiz pasatuko zain gaude, ume talde batekin. Logurak eta nekeak jota daude, baina itzelezko ilusioa egiten die konpainien desfilea ikusteak. Berandu da eurendako, bihar kontatuko dute sekulako parranda egin dutela.
Pasatu dira gure aurretik banderadun, kantinera, danbor- eta upel-joleak. Herriko banda ere ikusi dugu. Karroza besterik ez da falta.
Oso urrun dator eskubaloi jokalariz betetako kamioia, eta hurreratu zaigunean konfeti eta karamelu zaparrada jaurti digu. Hori zoramena! Asfalto zikina inoiz baino arakatuago, gozoki galduaren bila! Umeen aurpegi zoriontsua! Eurek jasotakoez gain, helduok batutakoak ere eskuratu baitituzte! Zelako azukre festa!
Karrozaren ondorik ere ibili gara, ea gehiago harrapatzen genituen. Poltsikokada bete gozo lortuta abiatu gara etxera, irribarrea ahoan.
Kontua da ume horiek ez direla oso litxarreroak: kutxa baten sartuko dute altxorra, ahoan beharrean. Halere, ehiza bizian ibili dira.
Ez gara karamelutan ibili gozo-goseak bultzatuta; baizik eta doako gauzen lilurak mugituta, denok barruan dugun harrapakari senak akuilu. Metatzea dugu helburu, inork baino gehiago edukitzea. Gehiago-guran beti, ase ezin. | news |
argia-8503ba1da44a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/armairuak-jauziak-eta-zizailak.html | Armairuak, jauziak eta zizailak | Haizea Nu�ez | 2018-07-08 00:00:00 | Armairuak, jauziak eta zizailak
Nerabeak ginen, hamalau eta hamabost urte genituen bi uda horietako opor txikietan. Arantxaren gurasoek kostaldeko herri batera joateko ohitura zuten eta haiekin astebetez joatera gonbidatu ninduen. Gauero ohe berdinean lo egiten genuen, eta kasualitatez, nire azalak berea igurzten bazuen gorputza pizten zitzaidan. Lokartzen nintzenean ametsek sasi guztien gainetik eramaten ninduten, baita nire buruarekin egiten nituen isilgordekako masturbazio jolasetan ere. Baina nire buruari hezur-haragizko errealitate hori ukatzen nion. Nola izango nuen nik ba desira lagun horrekiko? Ez al nuen nik Alberto maite? Nola esango nion? Zertarako? Zer esplikatuko nieke gurasoei? Tortillera nintzela? Falta zena! Ez, ez, ni heterosexuala nintzen, mutil batekin maiteminduta nengoen eta bera izango zen "heriotza"-k banatu arte nire maitale bakarra eta nire seme-alaben aita.
Familian, eskolan eta katekesian ondo irakatsi zidaten doktrina horretan, gertuko eremuetan ez nuen LTGBIQ+ pertsonarik ezagutzen eta konfiantzazko pertsonen ahotik entzuten nuen bakarra "pertsona horiekiko" mespretxua eta iraintzeko hitzak ziren. Gu-aren barruan egoteko, beharrezkoa zen "haietako" bat nintzela ez nabaritzea. Nahita ezkutatu zidaten gure familian bazeudela pertsonak beste modu batez harremantzera ausartu zirenak. Zoritxarrez, genealogia horren behar handian nengoenerako biak hilda zeuden.
Ez al nuen nik Alberto maite? Nola esango nion? Zertarako? Zer esplikatuko nieke gurasoei? 'Tortillera' nintzela? Falta zena!
Eskolako lagunarekin sentitu nuena ez zen nerabezaroaren gauza igarokorra eta, unibertsitatera joateko garaia iritsi zenean, armairuaren ateak irekitzen hasteko –armairuak ez direlako askotan egun batetik bestera suntsitzen– indarra eta jauzi horretan lagundu zidaten erreferente zein bidelagunekin topatzeko aukera iritsi zen. Garai hartan bizitzak oparitu zizkidan adiskide berriak, konplizitate eta intimitateko aliatuak, irakurketak, genero, klasea eta arrazaren arteko bidegurutzeak eta ezagutzen nuen arauak barnebildu ezin zituen harreman ereduak.
Geroztik urteak pasa dira egunerokotasunean barneratutako lesbofobiari eta kanpotik datorrenari aurre egiten. Amorrutik, desiratik, kontzientziatik, ekintza zuzenetik eta elkartasunetik. Ez da egun bat pasatu lesbofobia zantzurik bizi ez dudanik. Sotilagoak edo gogorragoak, den-denak mezu berdinarekin: ez zara izan behar den modukoa, tokiz kanpo zaude.
Geroztik urteak pasa dira zizailak zorrozten, giltzarrapoak eta hesiak mozten. Bizipozetik, gorputz-gogoaren grinetatik, goxotasun erradikaletik eta gu-aren eraikuntzatik. Ez da egun bat pasatu bihotzetan daramagun mundu berri horren laginik esperimentatu ez dudanik. Erradikalagoak edo erreformistagoak, gure kontraesanekin, den- denak norabide berdinean: bagara, bagaude, bagoaz! | news |
argia-eaf6daaaee90 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/benetan-batzen-gaituena-korralitoa.html | Benetan batzen gaituena: korralitoa | Iv�n Gim�nez | 2018-07-08 00:00:00 | Benetan batzen gaituena: korralitoa
Iruñean, semaforo batean geldirik. Aurrean, Villavesa. Haren atzealdean, iragarki erraldoia: Zoco patxaran botila, lelo batekin: "Benetan batzen gaituena" ( Lo que de verdad nos une ). Pentsakor geratu naiz, lelo hura beste nonbait irakurria nuen susmo lauso eta harrapaezinarekin. A, bai! Euskaltelen aspaldiko leloa: "Batzen gaituena". Hala ere, Nafarroako patxaranak "benetan" gehitu du. Bere esanahia izango du, nonbait, agian Euskaltelena ez zela fidagarria edo...
Lotura batzuk jira-biraka hasi ziren nire buruan. Patxaranak nafarrok batzen omen gaitu, Euskaltelek, alta, euskaldun guztiok –edo erkidegotarrak?–. Nola ahaztu Frantziako Tourrean ordezkatzen gintuen marea laranja hura, hain kirolzalea, jatorra eta transbertsala –hau da, klaseen artekoa, apolitikoa, naturala...?–.
Nafarrok ongi dakigu Zoco patxarana nondik datorren: Gerra Zibileko erreketea eta Diputazio frankistaren ordezkaria zen Ambrosio Velascok (Vianako jauntxoen semea) sortu zuen, eta monopolioaren bidez, Zoco patxaranaren sinonimoa bihurtu zen: "Ez esan Zoco , esan patxarana!".
Euskaldunok –erkidegotarrak bereziki– jakin beharko genuke Euskaltel nondik datorren. 1996an, Ibarretxe eta Mayor Orejaren akordioak Aznarri bere lehen inbestidura eman zion. Edukien artean, Euskaltel sortzeko Estatuaren baimena. Horren truke, EAJk PPren lehen agintaldi beltz hura ahalbidetu zuen. Telekomunikazio-enpresa publiko gisa sortu zen Euskaltel –Eusko Jaurlaritzaren eta artean publikoak ziren aurrezki kutxen kontrolpean– eta euskal ikur distiratsuena bihurtu zen, Tourmaleten zein enpresa teknologikoen olinpoan. Euskaldunok, aizue, harro egoteko moduko enpresa bat daukagu!
Esan gabe doa, ate birakariak jiraka hasi ziren, enpresaren presidenteengandik (Ardanza) hasita, eta administrazio kontseilu osora iritsiz: EAJren hatz miragarria. Baina kapitalismoaren bideak ezin asmatuzkoak direnez, Eusko Legebiltzarrak onartutako pribatizazioak langileen kaleratzeak eta kontrol publikoaren amaiera ekarri zituen. Alta, euskal ikurrak, "Batzen gaituena", bizirik jarraitu zuen, eta zuzendaritza etekinak poltsikoratzen hasi zen, milioika –9,2 Alberto García Erauzkinentzat, adibidez–.
Egun, March sendiaren (Francori Gerra Zibila finantzatu ziona) funtsaren eta nazioarteko putreen eskuetan dago Euskaltel eta bere egoitza Euskal Herritik alde egiteko arrisku frankoan dago; Velasco familiak nafarron ikurra Pernod- i saldu zion bezalaxe.
Zoco -ren arrastoa jarraitu du gure marea laranja jator hark.
Denon ikurrak, gutxi batzuentzako mozkinak.
Benetan batzen gaituena?
Leitzarango bi aldeetan korralitoa. | news |
argia-229eccff82c6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/sanferminak-1978.html | Herri boterearen kontrako asaltoa | Urko Apaolaza Avila | 2018-07-08 00:00:00 | Herri boterearen kontrako asaltoa
Komeni da gogoratzea. 1978ko Sanferminak "hautsi" zituztenak zein izan ziren ez ahaztea. Azaltzea zer ari zen ernetzen Nafarroako eta Euskal Herri osoko jendarte iraultzailean, eta zer zapaldu nahi izan zuten kaleak gorriz tindatuz. 40 urte geroago, Iruñeko Udalaren enkarguz aditu talde batek egindako txostenak argi utzi du: eskarmentua izan zen, zigorgabetasunak estalitako gizateriaren kontrako krimena.
40 urte ere ez dituen euskal herritarrarentzat, gurasoen etxeko apalategian gordeta dagoen aldizkari zaharreko irudi satinatua baino ez da 1978koa; ke-boteen zuriak lausoturiko argazkien bidez imajinatzen zituen, txikitan, helduek iragan hurbileko borrokez kontatzen zioten apurra.
Urte hartako uztailaren 8an polizia olde bat Iruñeko zezen plazara sartu zen tiroka eta borrak eskuan, amnistiaren aldeko pankarta baten aitzakian. Esku-hartze armatu handiago baten hasiera baino ez zen, hurrengo egunetan Iruñean eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan errepresio polizialak dozenaka atxilotu, ehunka zauritu eta bi hildako utzi zituen: German Rodriguez eta Joseba Barandiaran.
Diziplina ezberdinetako adituz osaturiko egiaren batzorde batek (Josu Chueca, Pedro Ibarra, Amaia Kowasch, Jacinto Lara, Nerea Pérez, Pepe Uruñuela eta Begoña Zabala) gertaera haien inguruko txostena idatzi berri du Iruñeko Udalak eskatuta. NUPeko irakasle Emilio Majuelok eta Juan Carlos Garciak egindako azterketa tekniko dokumentalean oinarritu dira, besteak beste, hasieratik peñen batzordeak esan eta urte hauetan guztietan herritar askok pentsatu izan duena baieztatzeko: oldarraldia aurrez prestaturik zegoen eta erantzuleak zigortzeko ikerketa judiziala zeharo arduragabea izan zen.
Polizia olde bat Iruñeko zezen plazara sartu zen tiroka eta borrak eskuan, amnistiaren aldeko pankarta baten aitzakian. Esku-hartze armatu handiago baten hasiera baino ez zen
Komeni da gogoratzea. Zezen plazako irudi satinatu hori, irudi estatiko bihur baitaiteke bestela, momentu zehatz bateko gertaera zehatza, markorik gabe; pankarta bat edo walkie-talkie bidez Vulcano -k emandako "zorigaiztoko" agindu bat baino ez.
Zeinek kontrolatzen zuen hura?
Iruñeko peñek 1978an egindako ikerketa, Asi Fué (Horrela izan zen) izeneko liburuxkan argitaratua, ezinbestekoa da gaur egun oraindik ere poliziaren erasoaren inguruko kontakizun ofiziala gezurtatzeko –4.000 lagunen testigantza jaso zuten–. Poliziak istiluak sortu baino lehenago inguratu zuen zezen plaza eta Miguel Rubio komisarioa aurrean zutela ordena publikoko indarren dozenaka agente barrura sartu zirenerako, amnistia eskatzeko pankartak sorturiko eztabaida amaituta zegoen. "Dena lasai zegoen –dio lekukoetako batek– poliziak armak eskuan ezustean sartu zirenean, pasabidetik zetozen txikien artean nahastuta, han eta hemen kolpeka, pilotak eta ke-boteak jaurtitzen". Hondarrezko plaza hustu ondoren, ordea, bigarren oldarraldia egin zuten festen aurretik Iruñera eraman zituzten Logroñoko konpainia bereziek, eta hauek egiazko balaz eraso zituzten harmailetan ihesean zebiltzanak. Peñen ikerketak jasotzen duenez, erizaintza gelan 50-55 pertsona artatu zituzten, horietako zenbait balaz zaurituak.
Hurrengo orduetan konpainia bereko polizia armatuek izua zabaldu zuten hirigunean izandako istilu gogorretan, suzko armak erabili baitzituzten herritarren kontra, izan cetme metraileta zein pistola, orduko argazkiek erakusten duten moduan. Horietako batekin hil zuten German Rodriguez LKIko militantea Orreaga kalean.
Ignacio Llano gobernadore zibila txotxongilo hutsa izan zen aginduak ematen zituzten Fernando Avila komandantearen eta haren gainetik zeuden teniente koronelen aurrean: "Ez dago nire kontrolpean", errepikatzen zien behin eta berriz Gobernu Zibileko bulegoan peñetako ordezkariei, egoera sosegatzeko neurriak hartu zitzala eskatu ziotenean. Zeinek kontrolatzen zuen hura orduan?
1978ko uztailaren 8an, arratsaldeko zezenketa amaitu eta berehala, polizia armatua oldarka sartu zen zezen plazan eta dozenaka zauritu eragin zituen, horietako batzuk balaz. Barne ministerioak aitortuta, sei ordutan 5.000 gomazko pilota, 1.000 ke-poto, negarra eragiteko beste 1.000 bonba eta 130 bala erabili zituzten herritarren kontra hirian gertatu ziren istilu larrietan. Adituen batzordeak arrazoi nahikoa ikusi du Gizateriaren Kontrako Krimena izan zela esateko. (Arg.: Jorge Nagore)
Ordura arte, Sanferminetako giro politikoa "askoz motelagoa" izaten ari zen beste urte batzuekin konparatuz gero, Zeruko ARGIAn idatzi genuenez –1973 eta 1976ko festetan izandako manifestazio eta mitinak gogoan–. Baina testuinguru errepresiboa gero eta bortitzagoa zen: "Hilabete batzuk lehenago hainbat gertakizun izan ziren Iruñeko hirian, estatu aparatuen errepresiorako joera agerian utzi zutenak", dio adituen batzordeak bere txostenean. Maiatzaren 1eko manifestazioa, adibidez, baimenduta egonagatik indarkeria handiz desegin zuten poliziek, eta hilabete berean "inkontrolatuek" istilu larriak sorrarazi zituzten Alde Zaharrean –kalez jantzita zegoen guardia zibil bat hil zen labankada batez–. Istilu horietan atxilotuak askatzeko itxialdia hasi zuten hainbat lagunek, eta hala, udaletxeko bigarren solairua okupatuta zegoela iritsi zen uztailaren 6a urte hartan. "Sanferminak biolentziaren zeinupean ospa litezke", sutu zuen eltzea egunkariren batek.
Errepresioaren kontrako masa mugimenduak baturik
Joera askoz lehenagotik zetorren ordea. Adituen txostenak emandako datuen arabera, 1969. eta 1977. urteen artean Espainiako Estatuan manifestazioetan hildakoak gutxienez 47 izan ziren, horietako asko Euskal Herrian, eta baliteke 50.000 lagun prozesatu izana zio politikoengatik. Urte haietan giza eskubideen urraketa larriak ere jazo ziren: 1975eko salbuespen egoera, Montejurrako gertaerak eta Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia 1976an, Amnistiaren aldeko astearen zapalkuntza 1977an… "1978ko Sanferminetako esku-hartzea neurrigabekoa eta desproportzionatua izan zen, berrogei urtez baino gehiagoz estatu mailan funtzionatzen zuen izaera errepresibodun egitura politiko eta polizialak planifikatua", ondorioztatu du adituen batzordeak.
Hegoaldeko lau lurraldeak inoiz baino gertuago zeuden elkarrekiko, amnistia nahiz autodeterminazioa aldarri hartuta, eta Nafarroa zen epizentro nagusietako bat. Baina paradoxikoki, 1978an Nafarroa beste euskal lurraldeetatik bereizteko prozesu instituzionala martxan jarri zen
Espainiar Konstituzioa onartzeke zegoen, eta erreforma politikoak aurkari ugari zuen Euskal Herrian erregimenarekin haustura bilatzen zutenen artean. Hala, Adolfo Suarezek eta Rodolfo Martin Villak gidaturiko trantsizioko gobernuak arrakala demokratikoa borra eta odol bidez konpondu nahi izan zuen. Giro horretan erne zen "euskal jendarte anti-errepresiboa" deitu izan den masa mugimendua, besteak beste langile borrokaren bidez eta enpresetako asanbladetan artikulatua. Hegoaldeko lau lurraldeak inoiz baino gertuago zeuden elkarrekiko, amnistia nahiz autodeterminazioa aldarri hartuta, eta Nafarroa zen epizentro nagusietako bat, 1974ko abenduaren 11ko greba handian ere halaxe ikusi zen.
Baina paradoxikoki, 1978an Nafarroa beste euskal lurraldeetatik bereizteko prozesu instituzionala martxan jarri zen: autonomia negoziatzen hasita zeuden bitartean, erreinu zaharra erregimen frankistaren azken gotorleku bihurturiko Foru Aldundiaren eskuetan geratu zen. Ez da harritzekoa uztailaren 9ko goizaldean Nafarroako Diputazioaren Jauregia izatea liskarren jomuga nagusi; baina eraikinari leihoak txikitzen lehenak ez ziren manifestariak izan, " Navarros hijos de puta! " oihukatuz tiroka aritu ziren poliziak baizik: "Amorratuta eta ero moduan zebiltzan, sinpleki Nafarroa zen ororen kontra", azaldu zuten peñek beren dossierrean. Eskarmentua eman nahi izan zioten subertsioari.
Eta horretarako prest zituzten autobusak, asaltoko konpainiak Euskal Herriko beste tokietara garraiatzeko, Errenteriara edo Donostiara kasu. Azkeneko hiri horretan, Iruñeko gertaerengatik protestan ari zela hil zuten tiroz Aldapeta inguruan Joseba Barandiaran astigartarra, San Bartolome kaleko barrikada baten oinetan.
German Rodriguezen hiletetan Patxi Larraintzar apaiz borrokalariak emandako sermoia hobeto uler liteke fokua etorkizunetik zabalduta: "Demokrazia barregarri honen truku guztiak erabiliz, gure abiada eta arnasa ebaki nahi dizkigutela dirudi, nafar eta euskaldun guztien batasuna apurtu nahian". 1976an Gasteizen bezala 1978an Iruñean, kontrolagaitza zitzaien herri boterea ito nahi izan zuten.
40 urteko zigorgabetasuna
Ezaguna da Martin Villa barne ministroaren esaldia, estatu indarkeria justifikatzeko: "Gurea akatsak dira, haiena krimenak". Iruñeko gertaeren biharamunean bota zuen, espainiar telebista aurrean prestaturiko prentsaurreko bitxian. Egun batzuk geroago, Kongresuan aitortu behar izan zuen erantzule nagusia bera zela, baina beharrezko "zuzenketak" egin zituztela ere esan zuen. Poliziaren buruak lekuz aldatzeaz ari zen; haietako inor ez zen sekula epaitua izan. 40 urteko zigorgabetasunari hasiera eman zion esaldi horrekin ministro frankista ohiak.
Polizia udaletxeko plazan, Iruñeko eraikin nagusiaren atarian German Rodriguezen hilketa salatzeko jarritako kartelaren aurrean. Hainbat egunez hiria indar armatuek okupatuta egon zen eta gobernadore zibilak ez zuen ezer egin errepresioa eragozteko. (Arg: Argia artxiboa)
Adituen batzordeak dioenez, 1978ko Sanferminetakoa hainbat sumariotan banatzeak ikerketa judiziala oztopatu zuen, "seguruenik hori zen bilatzen zutena". Hala, kasua sumario bakarrean berriz irekitzea eskatu dute eta bere garaian egin ez ziren frogak eta dokumentazioa biltzea.
Ez da erraza izango ordea. Orduko hartan udaleko eta diputazioko ordezkariek sorturiko ikerketa batzordeen ondorioen berri ez da sekula jakin. Gobernadore Zibilak urte hartaz egindako memoriarik ere ez da azaldu Madrilen dagoen Administrazioaren Artxibo Orokorrean. Bestetik, sumarioek gordetzen duten informazio guztia eskatu diote Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari, baina honek oraindik ez du erantzunik eman. Ministerioen eta poliziaren eskuetan zeuden informe nahiz buletinekin gauza bera...
1976an Gasteizen bezala 1978an Iruñean, kontrolagaitza zitzaien herri boterea ito nahi izan zuten
Justizia, egia eta aitortzaren alde urtez luzetan lan eskerga egin duen Sanferminak 78 Gogoan elkarteak sarritan eskatu du dokumentazioa desklasifikatzeko. Duela hilabete batzuk Nafarroako Parlamentuak eskari hori egin zion Espainiako Gobernuari, parlamentarien ia guztien babesarekin –soilik PP abstenitu zen–. Baina Espainiako Kongresuak ateak itxi dizkio aukera horri, kasu honetan PP, C's, baita PSOEren kontrako botoekin ere. Inpunitatearen hormak toki berean jarraitzen du.
Baina, 5.000 gomazko pilota, 1.000 ke-bote eta 150 bala ezin dira ezkutatu agiritegiko karpeta bat desagerraraziz, are gutxiago hildakoak eta zauritu ugari eragin zituztenean. Jendearen lekukotasunak eta bizipenak dira frogarik sendoena, eta Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentazio Fondoak jadanik dozenaka elkarrizketa dauzka bilduta gertaera horien inguruan. Adituen ustez nahikoa argudio badago esateko 1978ko Sanferminetakoa "Gizateriaren Kontrako Krimena" izan zela, preskribitzen ez duen delitua. Iruñeko Udalari kereila bat jartzea aholkatu diote, horretarako legitimatua dagoelako.
Sanferminak 78 Gogoan-ek, bere aldetik, nazioartera jo du eta salaketa jarri du Europar Parlamentuko Eskaeren Batzordean. Ekainaren 26an kasua azaltzeko Bruselan egindako agerraldian, duela 40 urteko zezen plazako argazki zuri-beltzaren kopia erraldoia paratu zuten plataformako kideek; lanean segituko dute irudi horri markoa jarri eta atzean zer zegoen argitu arte. | news |
argia-2dddccbb5f2b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/hilabete-bateko-derrigorrezko-zerbitzu-nazionala-16-urteko-gazteentzat.html | Hilabete bateko derrigorrezko Zerbitzu Nazionala 16 urteko gazteentzat | ARGIA | 2018-06-27 00:00:00 | Hilabete bateko derrigorrezko Zerbitzu Nazionala 16 urteko gazteentzat
Frantziako Estatuan, hilabete bateko Zerbitzu Nazional Unibertsala derrigorrezkoa izango da 16 urteko gazteentzat eta nahi duenak, beste hiru hilabetez (edo denbora gehiagoz) luzatu ahal izango du zerbitzua, 25 urte bete arte. Frantses sentimendua berpizteko Gobernuak duen asmo hau aurreratu dute Liberation egunkariak eta Europe1 irratiak.
Errepublikarekiko lotura indartzeko helburuz, herritarrak "frantses nazioaren parte" sentitu daitezela nahi du Gobernuak, "gizarte erresilienteagoa" lortzea. Horretarako, bi zatitan banatuko dute hilabeteko egonaldia, aipatu hedabideen arabera. Lehenengo bi asteetan, besteak beste proiektu kolektibo bat eratu beharko dute gazteek, hainbat elkarterekin harremanetan. Eta ondorengo bi asteetan, heziketa zibikoa, lehen sorospenak edota Frantziako Armadako ordezkarien hitzaldiak jasoko dituzte, beste hainbat ekintzen artean.
Zerbitzu Nazionala 2022 urtean gazteen erdiei aplikatzea aurreikusten du Gobernuak. Ekimena martxan jartzeko 1,7 milioi euroko aurrekontua izango du eta urtero 1,5 milioi euro inguruko gastua egin beharko da berau mantentzeko. Batez ere Hezkuntza Ministeriotik bideratu nahi da gaia. | news |
argia-2c8830d7dd86 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/frantziako-agintariak-ere-kriminalizatzen-ari-dira-borroka-sozialak.html | Frantziako agintariak ere kriminalizatzen ari dira borroka sozialak | Pello Zubiria Kamino | 2018-07-08 00:00:00 | Frantziako agintariak ere kriminalizatzen ari dira borroka sozialak
Atxiloketak, poliziek eragindako zauriak eta espetxe zigorrak ugaritu zaizkie Frantziako Estatuan pil pilean dauden mugimendu sozialetako partaideei, izan Notre-Dame-Des-Landeseko zadista ala unibertsitate okupatuetako ikasle, zabortegi nuklear erraldoi berri bati aurre egiten dioten militante edo arriskuan zeuden etorkin ilegalak aterpetu dituen herritar. Parisko agintariek, gainera, ohartarazi diete gero eta estuago hartuko dituztela, gaizkile elkarteentzako legea aplikatuz.
Hego Euskal Herrian bezala Espainian Mozal Legea aplikatu dizutelako Frantziako Estatura ihes egin eta aterpe eskatzea pentsatzen ari baldin bazara, aurretik atera kontuak. Disidentziaren kontrako jazarpenari dagokionez inoiz baino egiagoa da "hemen ere zakurrak hanka-hutsik" esaera zaharra.
Maiatzaren 26an Frantziako Estatuan ezkerreko jendeak Emmanuel Macronen politiken kontrako " marée populaire " [herri uholdea] burutzean zenbait hiritan liskarrak gertatu zirenean, Gerard Collomb Barne ministroak erantzukizuna manifestatzaile baketsuak ere egotzi zien: "Manifestatzeko eskubidea, oinarrizko libertate bat dena, bizirik atxiki nahi badugu, derrigorrezkoa da beren iritzia adierazi nahi duten jendeek era berean aurre egitea liskar sortzaileei eta ez, beren pasibitatearekin, gertatzen denaren konplize izatea". Argi esanda: edo manifestatzaileak bihurtzen dira poliziaren laguntzaile, edo bestela konplize izanen dira eta zigorrak jaso ahal izango dituzte.
Edozein manifestatzaile atxilotuko ote dute konplize izateagatik? Azken hilabeteotan, ugaritzen ari dira manifestatzaile, aktibista eta ikasleen atxiloketa, galdaketa eta auziperatzeak. Azkena, eta sonatua, Bure inguruetan –Hexagonoko ipar-ekialdean– hondakin nuklearrentzako biltegi erraldoi bat eraikitzearen kontra ari diren militanteena.
Jendarmeen kontrola Bure inguruan. (Argazkia: La Croix)
Ekainaren 16an 3.000 lagun inguru bilduak ziren Buren protestan. 19 pertsona atxilotu zituzten poliziek eta horietatik bi epaileak espetxera bidali agenteen kontra bortizkeria erabiltzeagatik. Lau egun geroago, 20an, goizeko zazpietan hasita j endarmeek hamar etxe miatu zituzten Verdun, Bure, Commercy eta baita Parisen ere. Zortzi pertsona atxilotu zituzten, tartean militanteen abokatua bera, Frantzian batere ohikoa ez dena.
Étienne Ambroselli abokatuari, atxilotzeaz gain, ordenadorea bahitu zioten poliziek, esan nahi baita, daramatzan kasu eta bezeroen artxibo osoa. Bost egunez saiatu behar izan zuten abokatuen elkarteek epaileak materialok itzul ziezazkion. Vincent Niorék, abokatuen Parisko dekanoak – batonnier , frantsesez– kasuotarako izendatua daukan ordezkariak esan du: "Urteak daramatzat lan honetan (...) eta sekula ez nuen pentsatuko noizbait iritsiko nintzenik defenditu dudana bezalako kausa bat defenditu behar izatera". Izan ere, ezer ez da berdin agintariak hasi direnetik gatazka sozialetan inplikatutako militanteei gaizkile elkarteen kontrako legedia aplikatzen.
Etienne Ambroselli Bureko ekintzaile antinuklearren abokatua epaitegitik irteten, aldarrikapenezko afixa eskuan. (Argazkia: Le Figaro)
Termometro adierazgarria da Bureko gatazka, Frantziako zabortegi nuklear handiena eraikitzen hasiak dira bertan, baimen guztiak lortu aurretik. Lurpean, 500 metroko sakoneran biltegi erraldoia antolatzeko desjabetu duten baso bat okupatu zuten duela bi urte ekintzaileek, Bureko ZADa sortuz. Joan den otsailaren 22an 500 jendarme bidali zituzten jendeak oihanetik ateratzera. Hiru asteko protestetan 25 pertsona atxilotu zituzten: haietatik bi oraindik espetxean daude baina gainerakoek ere presondegian bukatzeko arriskua dute, eta askoz gehiago daude edo eskualdera edo departamendura itzultzeko eskubidea kenduta.
Bureko basoaren hustea, orain ikusten da, entsegua izan zen hilabete batzuk geroago Bretainian Notre-Dame-Des-Landesen egingo zutenerako. 70 atxilotu zituzten hemen apirilean eta geroztik epaileek espetxe zigorrak banatzeari ekin diote, azkena bi urteko kondena ekaineko epaiketa batean.
Interes orokorra versus etxeko etsaiak
Uhin errepresiboa ez da ingurumenaren bueltako gatazken esklusiba. Maiatzaren 1eko manifestazioetan Parisen 200 lagun arrestatu zituen poliziak, horietatik 100 galdekatu eta 30 auziperatzeko. McDonald bat erasotu zutela eta, "txikizioak egiteko elkartea antolatzea" egotzi diete, Nicolas Sarkozyren garaian 2010ean onartutako lege aldaketan oinarrituta.
Maiatzaren 22an ikasleek Frantziako Estatu osoan antolatu zituzten protesta eta itxialdietako batean, Parisko Arago lizeoan, poliziek 100 ikasle atxilotu zituzten, horietatik 40 adin txikikoak, hauei ere Sarkozyren legea aplikatuz. Baina ez dago zertan ezer txikitu edo okupatu beharrik Estatuaren hatzaparra zaman sentitzeko, paperik gabe muga inguruetan ezin bizirik dabiltzan etorkinei laguntzen dieten jendeek beren larruan frogatu dutenez.
Maiatzean bertan Martine Landry Amnesty Internationaleko kidea epaitu dute, adin txikiko bi gaztetxori muga zeharkatzen laguntzeagatik. Maiatzean epaitu dituzte " les trois de Briançon " ere, hiru boluntario suitzar eta italiar Alpe mendietako mugan etorkinen alde mobilizatzeagatik. Association en bande organisée delitua egotzita, hamar urte arteko espetxe zigorra ezarri diezaiekete. Bitartean, hiru auziperatuen aurka eskuin muturreko jende xenofoboek lasai ederrean egin zuten manifestazioa...
Gizarte mugimenduen eta disidentziaren aurkako jazarpenen zerrenda osoa askoz luzeagoa da. Jean-Jacques Gandini Frantziako abokatuen lehendakari ohiak honela ikusi du uholdea: "Azken hamar urteotan mugimendu sozialen gaineko errepresioa gero eta gogorragoa da. Lege gero eta errepresiboagoak liskarrak baretzeko aitzakiarekin erabiltzen dira mugimendu sozialaren kontra. Hala gertatu da lege antiterroristekin ere, azkenean hori aplikatu zaie 2015ean Klimaren Gailurrean manifestatu zirenei bezala Lanaren lege berriaren kontrarioei".
Kode penal frantsesaren 450-1 artikulua kokatzen da Parisek Napoleonen garaietatik matxinadak pertsegitzeko antolatutako legeetan. 1983an Robert Badinter Justizia ministro zela, Mitterrandekin, ezabatu zuen association de malfaiteurs delitua, baina hiru urte geroago Chiracek ezarri berriro, atentatu terrorista batzuen estakuruz.
Sarkozy presidenteak gogortu zuen legea 2010ean, aprobetxatuz Tarnac afera , estatua hankaz gora jartzeko atentatu hilgarriak ere egiteko prestatzen ari omen ziren militante anarkista batzuen atxiloketa. Omen azpimarratu dugu, zeren eta hilabeteak aurrera ahala ustezko konspirazio anarkista hura deusetan geratu baitzen; funtsean izan zen Michele Alliot-Marie ministro lapurtarrak antolatutako operazio politiko-mediatikoa . Baina kaltea egina zegoen: edozein motatako disidentzia zigortzeko bidea zabaltzea.
Komunikazioen kontrolak, komisaldegira behin eta berriro deitzeak, miaketak... gero eta estuago bizi dira disidenteak Frantzian ere, etsaiaren zuzenbide penalaren mende, zaku berean sartuta terroristak, laguntzaileak, protestalariak, legez kontra iritsitako etorkinak... Kanpoko edo etxeko, etsaiak denak, legearen bermerik merezi ez dutenak. | news |
argia-26cc27908072 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/kapitalak-nabigatzen-du-migratzaileak-hondoratu-egiten-dira.html | Kapitalak nabigatzen du, migratzaileak hondoratu egiten dira | Juan Mari Arregi | 2018-07-08 00:00:00 | Kapitalak nabigatzen du, migratzaileak hondoratu egiten dira
Arrazoi politiko edo ekonomikoengatik migratzera derrigortutako dozenaka milaka lagun dabiltza europar edo amerikar "paradisura" iritsi nahirik, bidean bizitza uzteraino. Horrek gure jendartearen eta bere sistemaren egiazko aurpegia erakusten du.
Lotsagarria da ikusten ari garena: Aquarius ontziaren odisea; Lifeline-rena; Italiako eta Maltako portuak itxita; paperik gabeko migratzaileen seme-alabak gurasoengandik bananduta eta kaiolatan giltzapetuta AEBetan; Gibraltarreko itsasartetik paterak etengabe iristen… Eta honen guztiaren erdian politikariak eta gobernuak: batzuek setati uko egiten diote migratzaileak hartzeari, bestetzuek ez dakite zer egin, eta batez ere, Europar Batasunean bezala, ez dira ados jartzen migratzaileek eskubideak errespetatuko dituen migrazio politika ezartzeko. Joan den astean gailur murritza egin zuten, aste honetan orokorragoa iragarri dute. Baina ez da akordio bateraturik antzematen. EBn, defentsa politikarako eta inbertsio militarrerako –armagintzako lobbyekin eskuz esku– beti daude ahobateko akordio azkarrak. Migrazio politikarako, ordea, irtenbiderik ez dago. Mediterraneoa hobi komun bilakatzeak ez ditu hunkitzen, antza.
Jarrera hori logikoa eta koherentea da EBko herrialdeen globalizazio filosofiarekin: merkantziak eta kapitala mugi daitezke eta mugak gainditu inongo arazorik gabe; migratzaileek, aldiz, pertsonak izanik ere, ezin dute halakorik egin eta ez diegu uzten. Hori da hartzen gaituen sistema kapitalistaren bisaia! Desberdintasunetik eta injustiziatik elikatzen den sistema, migratzaileen jatorriko herrialdeen natur baliabideak arpilatzen dituena, eta sorrarazten dituen gatazketarako armen trafikoarekin etekinak ateratzen dituena. | news |
argia-d02e3b68d4d8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/orain-presoak-dinamika.html | "Salbuespen legedia alde batera utzi behar du Espainiako Estatuak" | Lander Arbelaitz Mitxelena | 2018-07-08 00:00:00 | "Salbuespen legedia alde batera utzi behar du Espainiako Estatuak"
Sara Majarenas (1980, Donostia) eta Felix Arrietarekin (1982, Donostia) bildu gara. Sarek bultza duen Orain Presoak dinamikan parte hartzen ari dira. Lehena preso ohia eta indarkeria matxistaren biktima, orain bi hilabete askatu dute; bigarrena, Deustuko unibertsitateko irakaslea da. Lau aldarrikapen zehatzen inguruan babesa bilatzen ari dira eta urriaren 20rako manifestazioa deitu dute Bilbon. Espainiako Estatutik aldaketaketor litezkeela sumatzen den egunetan mintzatu gara beraiekin.
Ekainaren 3an Orain Presoak dinamika aurkeztu zenuten Bilbon. Nola amaitu duzue hemen aurpegia ematen eta zergatik?
F. Arrieta: Ekimenaren berri ematera hurbildu zitzaizkidanean, interesgarria iruditu zitzaidan momentuagatik, jendeagatik eta inguruan sor zitekeen dinamikagatik. Defendatzen duguna ez da berria niretzat, betidanik hala pentsatu izan dut, baina ekimenak bultza ninduen orain publikoki adierazteko pausoa ematera.
S. Majarenas: Bi hilabete daramatzat kalean eta konpondu behar den egoera honek larritzen nau. Parte hartzeko aukera eskaini zidatenean baiezkoa eman nuen, identifikatua sentitzen naizelako eta fase berrian eman behar diren pausoak emateko, gizarte zibila era zabalean inplikatu behar garela uste dudalako. Jendarte osoaren konpromisoa behar dugu, ez gutxi batzuena eta hemen jendarte zabalaren aldarrikapenak daude batuta.
Hainbat pertsona ezagun batu zarete ekimenean. Orain gutxi ikusi dugu ETAren desarmea desblokeatzen gizarte zibilak jokatu duen paper garrantzitsua Ipar Euskal Herrian. Gizarte zibilaren eskuetan al dago euskal presoen eskubideen aldeko borroka?
Sara Majarenas: "Espainiako Estatuan 50.000 preso inguru daude; horietatik 300 daude lehen graduan, eta horietatik 180 euskal preso politikoak dira"
S. Majarenas: Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan kristoren adibidea eman digute, aurrerapauso handia egin dute. Hemen eta orain, espetxeetako ateen giltza ez da gurea, baina jendarteak zer nahi dugun ozen badio, aldarri garbiekin, ni uste emango direla pausoak norabide horretan.
F. Arrieta: Dena da osagarria. Gure kasuan, argi dut antolatzen ari garen mobilizazioa bera baino garrantzitsuagoa dela prozesua. Eta prozesuaren barruan nik bi gauza bereiziko nituzke: batetik deialdia egiten dugunok, gizarte zibila deitu diozun hori martxan jartzea, ahalduntzea; eta bestetik, gai hau agendan jartzea eta gizartean zabaltzea. Zoritxarrez, faktore anitzengatik, presoen auzia ez dago euskal gizartearen lehen kezken artean eta hor sozializazioa egin behar dugu. Paraleloan etorri behar dira erakundeek eta alderdiek bide honetan eman ditzaketen pausoak. Guk egiten duguna xaxatze lana da, eta horretarako urriaren 20ko mobilizazioa garrantzitsua izango da.
Adierazpenean lau eskaera egiten dituzue. Batzuk aldarri zaharrak dira, beste batzuk berriagoak iruditu zaizkit. Lehena, begi bistakoa izan liteke, presoen dispertsioa amaitzea.
F. Arrieta: Legedian salbuespenezko neurri gisa jaso zuten. Giza eskubideen aldetik ez dago nondik heldu, eta orain gainera, lehen argudiatzen zituzten baldintzak ere ez dauzkate egoera justifikatzeko. Dispertsioa amaitu behar dela eskatzen dugu; ez momentua delako, momentua beti izan baita. Orain, gainera, borroka armatuaren argudio hori ere desagertu egin da. Euskal gizartean oso zabaldua dagoen iritzia da eta guk ere horrekin bat egiten dugu. Amaitu beharra dago.
S. Majarenas: Ez dago aitzakiarik. Senideei aplikatzen zaien zigor erantsia da. Hori salatzeko kristoren dinamikak piztu dira azkenaldian, motxiladun haurrena adibidez. Gainera, preso gisa ere gogorra da urrun egotea, gogorra da senideek jasan behar dutena ikustea.
Argazkilaria: Dani Blanco
Larriki gaixo dauden presoak. Hitzez hitz honela diozue: "Egun gutxiko bizia geratu aurretik, gaixorik dauden presoek behar bezala artatzeko eskubidea dute, hemen eta orain". Zer esan nahi duzue horrekin?
S. Majarenas: Preso gaixoak askatu behar dituztela, noski. Hori ere legediaren barnean dago. Egoera larria da, batzuk orain gutxi hil dira barruan eta beste batzuei egun gutxi geratzen zaie.
F. Arrieta: Nork eta nola erabakitzen du zer diren egun gutxi? Eztabaida horretara heltzea bera ere oso larria da. Etika eta giza eskubideen definizioabaliatu behar ditugu. Humanitatea mahai gainean jarri eta legalitatea aplikatzeko eskatzen dugu.
Zigorren batuketa amaitzea ere eskatzen duzue. Gaiaz gehiegi ez dakienarentzat, zer gertatzen ari da ba zigorrekin?
S. Majarenas: Estatu batean zigorra betetzen duzunean, beste estatu batean ezin zaituzte berriz ere gai beragatik zigortu. Hego Euskal Herrian, ilogikoki, hala gertatzen da baina. Europan gertatzen den leku bakarretakoa dela uste dut. Preso jakin batzuek Frantzian bete izan dute zigorra, eta Espainiaratzen dituztenean, berriro zigortzen dituzte delitu beragatik. Jarrita dago helegitea Estrasburgon. Arrazoia emango balute, preso kopuru handia aterako litzateke kalera. Eta berriz ere, legediaren barruan, hori baitio legeak.
F. Arrieta: Salbuespenekoa izan den legeriaren aurrean, Europan bateratua izan behar lukeen jurisprudentziaren aplikazioa eskatzen dugu. Ez dugu ezer arrarorik eskatzen, nahiz eta batzuentzat hala dirudien. Espainiak bere legea beteko balu pauso handia emango luke Euskal Herriko gatazkan konpontzeko geratzen den auzi garrantzitsu batean. Salbuespeneko legedia alde batera utzi behar dute.
Felix Arrieta: "Espainiak bere legea beteko balu pauso handia emango luke Euskal Herriko gatazkan konpontzeko geratzen den auzi garrantzitsu batean"
Ikusten da lau aldarriek komunean dutela salbuespeneko legedia aplikatzeari uzteko eskatzea. Laugarren eskaera da lehen gradua amaitzea.
S. Majarenas: Espainiako Estatuan 50.000 preso inguru daude; horietatik 300 daude lehen graduan, eta horietatik 180 euskal preso politikoak dira. Erdia baino gehiago. Euskal preso politiko gehienak lehen graduan daude. Aurrekoan [Jon] Iñarrituri entzun nizkion datuok txundigarriak iruditu zitzaizkidan, preso nengoela ez nekizkien.
Zer da espetxean lehen graduan egotea? Zer esan nahi luke hori amaitzeak?
S. Majarenas: Bizi baldintzak askoz gogorragoak dira, isolamenduan zaude. Salbuespenezko kasu batzuetarako dela dio legeak, "jarrera txarra" duten presoentzat, gatazka oso biolentoak gertatzen direnean aplikatzen dela lehen gradua. Euskal preso politikoei ez zaie hala aplikatzen, sistematikoki baizik, guztiei. Horrek kalte handia egiten du, ezin baita graduz aurrera egin. Bigarren graduan, adibidez, baimenak eska daitezke eta legeak dioen gisan eboluzio bat egon daiteke hirugarren pausorantz. Eta behin hor, beste neurri batzuez hitz egiten has gintezke. Nire kasu propioan, lehen graduan nengoen, eta gero Alcobendaseko (Madril) pisura eraman gintuztenean, bigarren graduan eraman ninduten, hor malgutasun handiagoa dago. Elkarbizitzarako bidean, presoak etxera ekartzeko bidean eman beharreko pausoetan, gradu aldaketa egon behar du derrigor.
Pentsaezina da giza eskubideez hitz egitea, eta 20 urtez isolamenduan edukitzea presoak, leku askoz txikiagoan, patioko askoz ordu gutxiagorekin.
Orain Presoak kanpainaren atxikimenduen zerrendan PSEko eta PSNko bi zinegotzi ohi daude. Presoekin lotutako eskaerak plano humanitariotik planteatzeak –eta ez politikotik– atxikimenduak zabaltzen laguntzen du?
F. Arrieta: Beharko luke. Plano ezberdinak dira. Bat da gizartean eta gizartearekin egin daitekeen lan hori. Batzuk elkartu gara honetan aritzeko orain, eta oxala gehiago lotuko bagina. Era berean, hori beste prozesu batzuek lagundu behar dute. Eusko Legebiltzarrean lortutako akordio hori, Sanchez Espainiako presidentearen hitzak... norabide onean doaz, ikusiko dugu noraino heltzen diren. Maila politikoan horrek bide bat izango du, eta maila sozialean, bide hau zabaltzen saiatu behar dugu.
Espainiako presidentea aldatu denetik mugimenduak daude. Zer usain?
F. Arrieta: Itxaropentsua. Nik askotan esan izan nuen noizbait presoak gerturatzekotan hori gobernu kontserbadore batekin izan beharko zuela, PP oposizioan askoz okerragoa baita agintean baino. Hori dagoeneko ezin da pasa. Gobernuak pausoak emateko borondatea duela dirudi. Zuhurtzia beharrezkoa izango da, eta ikusi egin beharko da PPk zein jarrera hartzen duen. Semperrek behin edo behin esan zuen prest leudekeela pausoak emateko, baina PP orain Ciudadanosekin diskurtso lehian dago.
S. Majarenas: Hitzetatik ekintzetara pasa behar dira. Beldurra ematen dit elektoralista ote den pentsatzeak. Jendartean kalatu du eta albiste hauek garrantzia hartu dute jendartean. Bidea prestatzen ari dira. Grande-Marlaskak behin baino gehiagotan esan du "ez daitezela hautsak harrotu gai honekin". Zuhurtziaz ikusten ditut. Ez dugu ahaztu behar barruan dauden pertsona eta hauen inguru zabal batez ari garela. Saldu izan den eta bete ez den esperantza guztia oso gogorra egin zait niri urteetan.
Urriaren 20an manifestazioa antolatzen ari zarete. "Herri honetan inoiz egin den manifestaziorik handiena" deitu diozue...
F. Arrieta: Lehen esan dut, tamaina ez da hain garrantzitsua, bidea baizik. Gai bagara Bilboko manifestaziora iritsten garenerako orain arte aktibatu ez diren pertsona eta sektoreak aktibatzeko, hori izango da emaitzarik politena. Gero manifestazioan dauden 40.000, 60.000 ala 100.000 niretzat ez da hain garrantzitsua.
S. Majarenas: Nik uste esan nahi dugula handia, zabaltasunean ere.
F. Arrieta: Hori da, pluraltasunean indarra egin behar dugu. Noski, jendetsua izatea nahi dut, ez dezatela balio nire hitzek desmobilizaziorako.
S. Majarenas: Orain Presoak dinamikan diogu korapiloa askatzeko unea heldu dela, aspalditik zegoen eta beharra. Orain da unea guztiok batu eta guztiok ozen esateko nahi duguna. Herri osasuntsu bilakatzeko behar dugu. Beste gauza batzuk ere bai, baina hau ere bai. | news |
argia-d9b7a8a6421e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/christophe-aguiton-ezkerraren-muturretik.html | "Bestelako ereduak garatzeaz gain, boterera heldu behar dugu" | Jenofa Berhokoirigoin | 2018-07-08 00:00:00 | "Bestelako ereduak garatzeaz gain, boterera heldu behar dugu"
Sindikalismoan, altermundialismoan zein politikan, aspalditik dabil militatzen Christophe Aguiton soziologoa, beti ezkerraren muturretik eta horizontaltasuna mantendu nahian. Attac zein AC! elkarteen eta Sud PTT sindikatuaren sortzaileen artean dugu. Atera berri duen La gauche du 21ème siècle, enquête sur une refondation (XXI. mendeko ezkerra, birfundazio bati buruzko azterketa) liburua aitzaki harturik, ezker muturraz eta alternatibei buruz aritu zaigu.
Muturrei begira dago hauteslea.
Mendebaldeko Europako eta Ipar Amerikako herriei so eginez, azken urteei buruzko irakurketa bera egin dezakegu. 2007-2008ko krisiaz geroztik, eta ondorioz, hiru bilakaera antzeman ditugu: mundializazio liberalaren ezeztapena, boterean egondako alderdien ahultzea eta igoera bikoitza, eskuin xenofobo populistarena zein ezkerreko indar erradikalena.
Sistemaz sufritzen dutenak xarmatzen ditu eskuin muturrak.
Hauteskunde soziologiari xehekiago so egin behar zaio: egia da langile klase tradizionala ezker klasikotik erabat bereizi eta eskuin muturrera bideratu dela. Fronte Nazionala dugu Frantziako langileriaren boto gehien biltzen duen alderdia, berdin Alemanian AfDrekin ala UKIPekin brexit-aren aldekoentzat. Ezker erradikalak ez du lortzen bilakaera hori balaztatzen. Baina, kontuan hartu beharreko beste bi faktore ditugu: intelektual prekarioen, hau da, goi mailako ikasketak egin eta prekarietate handian direnen partetik ezkerreko boto erradikalak emendatu dira. Bestetik, luzaz ezkerrean egonik, orain eskuinean eta ezker erradikalean dira herritartasuna lortu duten etorkinak edota immigranteen umeak.
Langileriari zuzendu behar zaio ezker erradikala.
Haien botoak eskuratuko ditu, baldin eta gai sozialei buruzko diskurtso argi bat baldin badu eta noski, lan eskubideen aldeko eta laguntza sozialen aldeko borrokarekiko aldekotasuna erakusten badu. Hots, kategoria sozial hau zuzenean hunkitzen dituen gaiei buruz ari bada.
Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin
Boterera iritsita ere ezkerrari zaila zaio politika erradikala gauzatzea.
Ditugun adibideetan hiru arazo errepikatzen dira. Bat, noraino goaz hausturarekin? Argi ikusi dugu Syrizarekin gobernuak negoziazioa lehenetsi duela. Oroit gara sekulako aldekotasuna jaso zuela Syrizak kontinentean eta segur naiz Atenaseko deiak Europa mailako mobilizazio bat ekartzen ahalko zuela. Ez dute bideratu nahi izan, ezta ere Grezia mailan, batez ere Yanis Varoufakisek proposatu B Plana baztertuz. Baldintza arras desberdinetan baina gauza bera ikus dezakegu Lularekin. Lurjabeek kontrolatzen duten parlamentua jaso zuen. Boterera iritsi zenean ez zuen nahi izan Batzar Konstituziogilea osatu, Chavez, Morales ala beste batzuek egin zuten gisara. Hausturarik egin ez izana oso garesti atera zaio.
"Zadistek mobilizatzen eta batasuna mantentzen jakin dute. Baita sistemarekin jokatzen ere: ikustearekin lurren gestio kolektiboa ezinezkoa zutela, proiektu indibidualak aurkeztu dituzte, baimena ukan ondoren berriz kolektibizatzeko"
Zein da bigarren arazoa?
Problematikoagoa da, XX. mendeko ezkerraren tradizioa auzitan jartzen duelako: garapen ereduari buruzkoa, produktibismoa edota extraktibismoarena. Venezuelaren kasuan, Chavez boterera iristerakoan Estatuaren aurrekontuaren %90 petrolioari lotua zen, gaur egun Madurorekin hein berean da. Bestelako eredu ekonomiko berri baten gauzapena eta gogoeta ezinezkoa zaie. Eta hirugarren arazoa: usu dago lidergo azkar bat. Hor ere, benetako demokrazia bat garatzeko gaitasunik ez da.
Demokrazia ordezkatzaileaz bi hitz?
XX. mendearekin dugun ezberdintasun handi bat da, orduan ezker erradikala jazarraldi edota gerrillen bidez zelako boterera iristen. Egun, hauteskundeak ditugu eta berez ez da arazorik. Baina demokrazia ordezkatzailea baino haratago joan behar gara. Gaur egun, bost urtez errege gisako bat hautatzen dugu eta bere gehiengoa ongi giltzatuz gero, bost urtez libre du bidea.
Han eta hemen alternatibak loratuz doaz.
XX. mendeko sozialismoa oso estatista zen, ekoizpen handien nazionalizazioan eta ekonomiaren planifikazioan oinarritua. Noski, sektore nazionalizatu hori behar dugu zerbitzu publikoa segurtatzeko. Baina horrela ere dena ez doa ondo. Gaur egun, alternatiba berri batzuk agertzen zaizkigu, demagun ondasun komunekin. Ekonomiaz geneukan ikuspegia aldatzeko balio digu, antikapitalista izateaz gain antiestatista ere izan daitekeelako. Balore batzuk ere hedatuz doaz: ikuspegi antropozentratua alde batera uztearena, ekofeminismoarena... Guzti horiek ez dute modelo bakar eta koherente bat osatzen, trantsizio batean garelako; baina beste jendarte eta ekonomia bat osatzeko pistak dira.
Toki gehiegi hartzen badute, errepresioa.
Adibide onena Notre Dame des Landesko ZAD dugu. Estatuak oztopatu ditu, printzipio kontu batengatik, ekonomiaren ikuspegi indibidualistarekin segitzeko. Horrek erakusten digu, bestelako garapen ereduen garatzeaz gain, boterera heldu behar dugula, legearen arauak aldatu ahal izateko. Tokiko alternatiboen garapena eta indar harreman sendo baten eraikuntza konbinatu behar ditugu. Zadistek mobilizatzen eta batasuna mantentzen jakin dute. Baita sistemarekin jokatzen ere: ikustearekin lurren gestio kolektiboa ezinezkoa zutela, proiektu indibidualak aurkeztu dituzte, baimena ukan ondoren berriz kolektibizatzeko. | news |
argia-a5b85dce44bf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/sanferminak-1978-2.html | Bego�a Zabala: "Orain badugu ikuspegia esateko errepresio global bat egon zela" | Urko Apaolaza Avila | 2018-07-08 00:00:00 | Bego�a Zabala: "Orain badugu ikuspegia esateko errepresio global bat egon zela"
Iruñera 1977an iritsi zen Begoña Zabala (Getxo, Algorta, 1950) eta lehen lerrotik bizi izan zuen zezen plaza barruan zein kanpoan 1978ko Sanferminetako poliziaren erasoa. Abokatua lanbidez, gertaera haiek argitzeko adituen ikerketa batzordeko kide da eta alde juridikoa landu du. 70eko hamarkadatik mugimendu feministan buru-belarri aritutakoa, Feminismo, Transición y Sanfermines del 78 liburua kaleratu berri du.
Judizialki kasua hainbat sumariotan banatzeak ikerketa oztopatu zuela diozue. Nahita egindako zerbait izan zen?
Sumarioak bananduta instruitzea ez da normala, erlazionaturiko hainbat gertaera daudenean aukera dago dena batzeko. Zergatik da garrantzitsua hori? Bost sumario daude –horietako hiru dira garrantzitsuenak, hildakoak eta zaurituak daudelako– eta ekintza polizialaren continuum bat egon zela agerian uzten dute, zezen plaza barruan hasi eta ondoren kanpoan ere bai, polizia-buru berdinen agindupean eta gobernadore zibilak ezer egin gabe.
Sumarioak bananduz beste irakurketa politiko-juridiko bat egin nahi izan da: polizia sartzen da plazara, eta "turbek" erreakzionatzean, beste gertaera bat dago. Guk sumario baten frogak beste sumario batean ere kontuan eduki eta gertatutakoari azalpen logiko bat ematea nahi dugu.
Frogak onartu ziren, baina ez ziren egin…
Frogen kontua ere iluna da oso, eta inpunitate handia erakusten du. Peñen ikerketa batzordeak ahozko froga ugari aurkeztu zuen, eta horren ondoren idatzizkoak eskatzen hasten dira, txostenak eta abar, baina desagertu egin omen dira edo erreserbatuta segitzen dute. Polizia-buruek deklaratzea ere eskatu zen, baina ez zuten halakorik egin hiru urte gerora arte…
"Guk kereila berria proposatzen dugu, mahai gainean jartzeko Sanferminetako gertaerak gizateriaren kontrako krimena izan zirela"
Froga horiek 40 urteren ondoren balio dute?
Froga asko sumarioetan dago jadanik, guk ez dugu oraindik sarbiderik izan; peñen abokatuek bala-zorroak eta guzti aurkeztu zituzten… Zer balio izan dezaketen? Dokumentaturik dagoen denak izan dezake balioa. Kuriosoa da, zeren eta beraiek [poliziak] egindako dokumentuak dira eta beraiek hartutako deklarazioetan oinarrituta.
Gizateriaren kontrako krimen izateak zer ekar dezake erantzukizunen aldetik?
Nazioarteko zuzenbidearen arlora eramaten gaitu horrek. Akordio eta tratatuek definitzen dute zer den gizateriaren kontrako krimena, ez Estatuak, horrek egiten du interesgarri. Berezitasunak ditu: herritarren gehiengoaren kontrako ekintza izatea, indar armatuak izatea babesik gabeko herritarrei eraso egiten dietenak… Emakume baten bortxaketa delitua da adibidez, baina emakume komunitate oso baten bortxaketa masiboa gizateriaren kontrako krimena da, errepresio eta askatasunik gabeko giro batean gertaturikoa. Estatua derrigortuta dago krimena ikertu eta pertsegitzera, baina ez badu egiten, badago foro bat hori zigortzeko.
Kereila jartzeko "momentua" orain dela diozue, zergatik?
Ez dugu esan nahi epea iraungiko denik. Seguruenik ez dago aukerarik kereila bat jartzeko esanez "hau zauritu egin zuten, beste hori hil… eta ez da epaiketarik egon". Erantzungo dutena da preskribitu egin duela, beste askotan bezala. Baina momentu honetan badugu errepresio global bat egon zela esateko ikuspegia, eta 1978an agian ez ginen horretaz kontziente: Gasteizko martxoaren 3ko gertaerak, Madrileko abokatuen hilketa, Maiatzaren Leheneko eta amnistiaren aldeko mobilizazioen errepresioa… Hori guztiagatik jar daiteke kereila, gizateriaren aurkako krimena izan zela esanez.
Frankismoaren krimenen kontrako kereila argentinarrak 1977ko Amnistiaren Legearekin egin du topo Espainiako Estatuko auzitegietan. Kasu honetan gertaerak geroagokoak dira ordea…
1978koa ez dago amnistiaturik, jakina, beste kontu bat da epaileak preskribitu duela esatea. Kereila, normalean, zuregandik gertuen dagoen auzitegian jartzen duzu, gero helegiteen ondorioz nazioartera egin dezake jauzi. Hala ere, Argentinako kereila beste gauza bat da –Sanferminak 78 Gogoan ere pertsonatu da bertan– eta bere bidea darama. Guk kereila berria proposatzen dugu, mahai gainean jartzeko Sanferminetako gertaerak gizateriaren kontrako krimena izan zirela.
Desklasifikatu gabeko dokumentuak eta "desagertu" diren txostenak daudela aipatu duzu. Kereila batek noraino egin dezake hori gabe?
Desklasifikatzea erraza da, dokumentazioa hor dago eta prozedura kontu bat da; edozein auzitegi, parlamentu edo gobernuk eska dezake. Gainera, ministerioaren ekintza ofizialak dira eta ez dut uste txostenetan egia osorik esango dutenik, alderantziz, euren errelatoa agertuko da. Baina jakin ditzakegu nahigabe ihes egindako gauza asko, haien walkie-talkietan grabatutakoak bezalakoak, inpunitate handiz aritzen baitziren. Eta oraingoz dauzkagun datuekin esan dezakegu aurrez prestaturiko plan bat izan zela, herritarren eta orduko mugimenduen kontra.
Haustura mugimenduak zirela aipatu izan duzu. 1977 amaieran Iruñera iritsi zinenean, adibidez, Emakumeen Askapenerako Mugimendua (EAM) aurkitu zenuen.
1975ean mugimendu feminista oso erradikala eta politizatua sortzen hasi zen, diktaduraren kontrako borrokan zuzenean eta arlo guztietan parte hartzeko aukera ikusi zuena: eguneroko bizitzan, botere-harremanetan, kalean, festetan… Bateratze bat gertatzen da familietan, lanean, Elizan eta Estatuan dagoen dominazio patriarkalaren aurka. Horrek, beste mugimendu haustaile batzuekin aliantza sendoa osatzen du.
"Boterearen mezua izan zen atzera egin behar zela, ororen gainetik festa behar zela. Esan nahi zuten gizonezkoak kalera irten eta zortzi egunez mozkortzen diren festa eredu horretara itzuli behar ginela, erabat maskulinoa den katarsia. Politikak ez du espaziorik Sanfermin horietan"
Liburuan festaz hitz egiten duzu, subertsio espazio bezala, feminismoak ere espazio hori konkistatu nahi du subertsioa aldarrikatzeko…
Feministek diote: "Kalea gure ere bada, gaua gurea ere bada", ordura arte emakumeentzat betoa jarrita baitzegoen. Festa oso garrantzitsua da, tradizioa aldarrikatzera irten beharrean –jende askok uste duen moduan– subertsioa aldarrikatzera irteten baitira. Garai haietan El espacio de la fiesta y la subversión liburua argitaratu zen, Iruñeko Alde Zaharraren azterketa bat, eta bertan ikusten da nola ari ziren kaleak festarako okupatzen, arau sozialak eta loturak hautsiz; feminismoak bat egin zuen horrekin.
Zer gertatu zen 1978an peñen "amabitxi" delakoekin? Hor ere pankarta izan zen tartean…
Peña gehienetan gizonezkoek bakarrik hartu zezaketen parte, eta urtean behin madrina edo "amabitxia" aukeratzen zuten emakume guztiak ordezkatzeko, estereotipo ohikoak jarraituz (ederra, apaina…). Urte hartan, uztailaren 1eko peñen festan amabitxien aurkezpena egin zen zezen plazan. Pankarta pila bat zegoen, amnistia eskatuz edo borrokan zebiltzan preso komunen alde. Bada, EAMekoek euren pankartatxoa ere atera zuten: Madrinas kanpora! esaten zuen. Irudi patriarkal horren kontrako mezua zen, urte osoan debekaturik izan ostean emakumea desfile batera eramaten baitzuten mantelina soinean zuela. Alardean egun gertatzen dena ez da oso ezberdina.
Zer ondorio izan zuen 1978ko oldarraldiak, festari eta feminismoari dagokionez?
Boterearen mezua izan zen atzera egin behar zela, ororen gainetik festa behar zela. Esan nahi zuten gizonezkoak kalera irten eta zortzi egunez mozkortzen diren festa eredu horretara itzuli behar ginela, erabat maskulinoa den katarsia. Politikak ez du espaziorik Sanfermin horietan.
Ondoren errepresioa dator, eta hasten dira [Germanen heriotza gogoratzeko] manifestazioa debekatu eta isunak jartzen. Beste jende bat ere hasten da esaten ahaztu behar dela, lehengo kontuak direla, deserosoa da festetan policía asesina oihukatzea… Feminismo asko agertu ziren, baita ikusi nahi ez direnak ere, tartean zuriz eta gorriz txukun jantzita doan hori, gizonezkoek nahi dutena egiten duten bitartean. Horretara iritsi gara eta orain buelta eman behar diogu. | news |
argia-932b71107746 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/hatz-markak-4000-urteko-sinadurak.html | Hatz-markak, 4.000 urteko sinadurak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-07-08 00:00:00 | Hatz-markak, 4.000 urteko sinadurak
1886an, Charles Darwinen lehengusu Francis Galtonek pertsona guztiek beren hatz-marka bereziak zituztela baieztatu zuen, eta bi marka berdin aurkitzeko probabilitatea ere kalkulatu zuen: 64.000 milioitik bat.
Dena den, hainbesteko zehaztasunik gabe ere, Antzinarotik zen ezaguna hatz-marken ezaugarri bereizgarri hori. Duela 4.000 urte babiloniarrek kontratuak sinatzeko erabiltzen zituzten; transakzioen nondik norakoak jasotzen zituzten buztinezko oholetan aurkitu dira.
Antzinako Txinako buztinezko zigiluetan ere aurkitu dituzte. Eta XV. mendeko Pertsian ere gobernuko hainbat agiri ofizial hatz-markez sinatu zituzten. | news |
argia-5e650c35624e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/ainara-epelde-txirrindularien-gogo-gorputzen-zaindari.html | "Txirrindularitzaren bizi tipoa gustatzen zait" | Miel Anjel Elustondo | 2018-07-08 00:00:00 | "Txirrindularitzaren bizi tipoa gustatzen zait"
Ziklismo munduan ari da laguntzaile lanean (soigneur). Mediku izan gabe ere, sendalari da, sasimediku, entrenatzaile, zaintzaile… Fisioterapia eta Kirol Zientziak ikasitakoa, goi mailako txirrindulariez arduratzen da, talde profesionaletan.
Saskibaloi jokalaria izana, Fisioterapia eta Soin Hezkuntza eta Kirol Zientziak ikasia, 2014an sartu zinen txirrindularitza profesionalaren munduan.
Bai. Artean, ahizpa [Mireia Epelde] txirrindulari ari zen, eta Espainiako selekzioan masajista egokitu zitzaiona, Josue Aran, Trek taldeko masajista zen aldi berean. Mireiak Josueri esan zion ea egunen batean eramango ninduen lasterketaren batera, eta horrela hasi nintzen. Betitik ezagutzen dut txirrindularitza mundua, ahizpari segika ibiltzen nintzen-eta, taldeko zuzendarien autoan sartuta, askotan. Ikasketetako azken urtean, berriz, lau hilabeteko praktikaldia egin behar, eta Trek taldean egin nuen. Kirolari baten segimendua egitea zen helburua, eta Haimar Zubeldiarena egin nuen. Eskumuturretik operatu berria zen Haimar, eta nire lana izan zen ziklisten entrenamenduak ikustea ez ezik, Haimarren jarraipen zehatza egitea. Bestalde, egunero bizpahiru ziklistari masajeak eman behar izaten nizkien; tartean, Haimarri, haren eskumuturreko lesioa nola sendatzen ari zen aztertuz. Primeran egon nintzen. Entrenamendu garaia zen, giroa lasaia zen, ez zen lasterketa bateko egoera larria.
Zer moduz Haimar Zubeldiarekin?
Oso ondo, oso mutil sanoa da… Markel Irizarrekin ere izan nintzen. Hau ere oso jatorra. Oso diferenteak dira, baina primeran osatzen dute elkar.
Euskaraz aritzen zineten?
Akabo, bada!
Murias taldean lan egin zenuen gero, bi urtez.
Bai, iaz arte. Kontaktu kontua da. Curriculuma, esaten dute, baina askok ez diote curriculumari begiratzen. Nonbaiten ondo lan egin baduzu, nahikoa da baten batek behar den lekuan esatea: "Treken lau hilabetean egon da praktikak egiten, balio du". Horrelaxe izan zen Muriasen kasuan. Jakin zuten Trekekin praktikak egin nituela, ikasketak bukatu berria nintzela, euskalduna, fisioterapeuta… eta kasu egin zidaten. Nik txirrindularitza munduan egin nahi nuen lan, aukera etorri zitzaidan, eta halaxe.
Txirrindularitza zalea zaitugu?
Txirrindularitza giroa gustatzen zait. Kirola biltzen duen zera hori. Telebistan ikustea gustatzen zait, bai, baina telebistan ikustekotan, nahiago ditut beste kirol batzuk. Txirrindularitzaren bizi tipoa gustatzen zait. Surfak ere badu bizi tipo hori. Hemendik hara eta handik hona bizi, nomada… Orain momentuan gustatu egiten zait bizimodu hori. Ziklismo munduan ikusten ditut batzuk lanean, gurasoak dira, edo familia dute, 40 urtetik gora dituzte. Horretan ez, nik ez dut ikusten nire burua 40 urterekin ziklismoan lanean. Egur handia iruditzen zait, egun asko kanpoan, eta kanpoko egunetan lan asko egiten da, ekipoaren mende bizi zara eguneko 24 orduetan, beraiekin batera egiten duzu lo, besterentzako bizi zara eguneko 24 orduetan. Beharbada, astean behin, edo bitan, korrika egiteko tartea izango duzu. Bizimodu gogorra da, baina gustatzen zaidan bizia. Bizi berezi bat da.
Argazkia Ainara Epeldek utzia da.
Ez zara, hala ere, talde jakin bateko langile, zeure buruaren jabe baizik.
Bi eratara egin ohi da lan: talde jakin batekin urteko kontratua sinatuta, edota, bestela, egunka. Kontratupean lan eginez gero, hileroko soldata finkoa duzu, oporrak ere ordainduta, lanegun kopuru zehatz bat. Bizimodu orekatu xamarra da, nahi izanez gero. Hala ere, gaur egun kontratua lortzea oso zaila da, taldeek nahiago dute-eta egunka hartzea gu bezalako langileak. Merkeago zaie, jakina. Egunka ordaintzen dute, eta gero, norberak konpondu behar du ogasunarekin. Ni hasiberria naiz, eta egunka ari naiz. Jakina, gustura lan egingo nuke kontratupean, baina, bitartean, talde batek hots egin eta esaten dizunean: "Halako lasterketara etortzerik ba al daukazu?". "Bada, bai!". Baliteke talde batek baino gehiagok hots egitea aldi berean-edo, baina kontua da, ahal dela, beti talde berarekin lan egitea.
Aqua Blue Sport taldearekin ari zara orain. Zer lasterketa egin dituzu aurten?
Aqua Bluerekin ari naiz, baina urtea Caja Ruralekin hasi nuen: Mallorcako Itzulia, Bessègeseko Izarra eta Omaneko Itzulia egin nituen. Harrezkero hasi nintzen Aqua Bluerekin, eta zenbait klasiko egin nituen Belgikan, Kroazian, Yorkshiren (Ingalaterra), Norvegiako Itzulia, eta ondoren hiru asteko pausaldia eduki dut. Orain, berriz, zain dut tour pribatu bat. AEBetan eta beste zenbait herrialdetan, afizionatuek, edo masterrek, ohitura dute talde txiki bat osatu eta itzuli moduko bat egitea. Lagunduko dien talde teknikoa behar izaten dute, eta tartean, fisioterapeuta. Hori eginda, denboraldiko bigarren partea etorriko zait, baina horretaz ezer ere ez dakit oraindik. Urtean 150en bat lanegun egiten ditugu, eta dagoeneko egun asko egin ditut, edo dezente.
Ziklista lasterketak ikusten ditu zaleak, kanpotik. Barrutik, zer ikusten duzu zuk?
Zer zirku dagoen txirrindularitzaren atzean! Horixe ikusten dut: nola dagoen antolatua, zein bizimodu nomada dugun, zenbat gauza behar diren txirrindulari batek etapa bizikleta gainean egin dezan, zenbat material behar den, zein jateko, zein ordutegi diren… Esaterako, bost orduko karrera egin ahal izateko, hemezortzi lanordu egin behar izaten ditugu guk. Beste lan askotan bezala, ziklisten karreraren atzean dagoena ez da ikusten, ez dago agerian.
Hemezortzi ordu esan duzu, eta ez dakit esate aldera esan duzun, beroarena kenduta ulertu behar dugun…
Goizeko zazpiak aldera jaiki, eta ohera gaueko hamar eta erdietan edo hamaiketan joan. Horixe gure ordutegia. Ez gara ari denbora guztian lanean, baina zer edo zertan ari gara denbora guztian.
Ainara Epelde fisioterapeuta da, baina ez da egiten duen lan bakarra,
makina bat aldiz egon da anoa puntuetan txirrindulariei janaria eta edaria ematen. Argazkia Ainara Epeldek utzia da.
Zein duzu egun bateko lana?
Bi eratako lana egin dezakegu: hotelekoa, edo karrerakoa. Hoteleko lana egiten duenak, goizeko zazpietan jaiki, gosaldu eta ziklistek karrerarako behar duten materiala prestatzen du: bidoiak edariz eta elikagaiez bete, hozkailuak osatu –eguraldiaren arabera, gatz eta ur kantitateak aldatu egiten dira–, ziklistentzako gosaria gertatu, lantalde teknikoaren bazkaria, autoak barrutik garbitu –mekanikariek garbitzen dituzte kanpotik–, traste eta maleta guztiak jaso, kamioia edo dena delako ibilgailua prestatu eta martxa, karrera hasi baino ordu erdi bat lehenago, egun horretako helmugari dagokion hotelera, 200-300 kilometrora, gehienetan. Hotelera heldu, eta sarrera guztia egitea dagokigu. Gero, hurrengo eguneko elikagai zenbait prestatu behar izaten dira; arroz-pastela, adibidez, bezperan egin behar izaten da-eta. Ziklisten janari-gela ere antolatu behar izaten da, masaje-gela… Ziklistak etortzen direnerako prest egon behar dute gauza guztiek. Eta hurrengo eguneko ordutegia zein izango den ere jakin behar izaten du.
Zerrenda luzea da. Ez da lana bukatzen?
… Baita kamioia garbitu ere. Eta garbigailua jarri… Horixe egiten du hotelaz arduratzen den pertsonak. Lan asko dira, xehetasun asko, lan zaila ez bada ere. Nik, hala ere, hoteleko lan hori egin beharrean, bestea egiten dut, karrerakoa. Orduan, lasterketarekin batera auto ilaran joatea da nire lana: ziklistak irten baino ordu erdi lehenago irtengo naiz autoan. Anoa-gunera joango naiz, eta ziklistei ura emateko gunera, eta, gero, handik helmugara. Bostak jota iritsi ohi gara helmugara, eta handik hotelera egiten dugu. Ziklistek eguna bukatu dutenean mekanikariek bizikletak garbitzen eta aztertzen dituzte, eta gu –hiru bat pertsona, gutxienez, talde bakoitzean–, ziklista guztiei masajea ematen hasten gara. Hori egin eta gero, dutxatu eta afaltzera. Gertatu izan zaigu, Yorkshiren, adibidez, hotelean azkeneko afari txanda bederatzietan izatea, eta guk masajea ematen hamarretan bukatzea. Plater hotz bat jartzen ziguten, eta halaxe afaltzen genuen. Normalean, hala ere, garaiz afaltzera iristen gara. Berandu xamar bada ere.
Zenbat gauza!
Ez da lan zaila, gauza txiki asko dira, xehetasunak zaindu behar izaten ditugu… Horrelaxe joaten dira gure egunak. Antzekoak dira beti. Tira, taldeak etapa ona egin badu, edo karrera irabazi badu, masajeko edo afaltzeko giroa ezberdina da, ziklistak daukan umorea aldatu egiten da. Fisioterapeuta naiz, baina bi-hiru ordutan egiten dut fisio lana. Gainerakoan, psikologo izan naiteke, edo ama, edo sukaldari eta garbitzaile… Rol denak egiten ditugu soigneur garenok. Talde handi batean, hamar bat lagun izan gaitezke soigneur lanean, batzuk fisio gara, beste batzuk kirol masajistak…
Zenbat emakume ari zarete ziklismo munduan lanean?
Oso gutxi ere. Oraingo Acqua Bluen, adibidez, emakume bakarra naiz. Baita Murias taldean ere. Treken, beste bat ere bazen. Dimension Data-n baziren batzuk. Oso neska gutxi gara txirrindularitzan. Gizonezkoen txirrindularitzan, dena den, zenbait taldetan emakumezkoak nahi dituzte, giroa orekatzen laguntzen dugula esaten dute, gizonezkoaren eromen puntua baretzen omen dugu. Zenbait taldetan, ordea, ez dute emakumerik nahi, gizonaren pareko lanik ezin dugula egin diote.
Hoteleko lanean nahiz lasterketakoan, soigneur -ek ez duzue karrera ikusten.
Nik lasterketako lana egiten dut, horixe gustatzen zait, eta bi puntutan pasatzen ikusten ditut ziklistak, anoa-gunean eta ura ematerakoan. Beste karrerarik ez dut ikusten nik. Kar, kar…
Zenbat zabor botatzen duten ziklistek anoa-gunearen inguruan, edota helmugara iristean.
Hori aldatzen ari da, beste gauza asko bezala. Bada elikatzeko 500 metroko tarte bat, eta hantxe eman diezaiekegu anoa ziklistei. Horren ondoren, beste tarte bat, 500 metrokoa, ziklistek zaborra botatzekoa. Gauza berria da, baina horretan ari dira. Esate baterako, Norvegiatik etorri berria naiz, eta han, delako zabor-gune horretan, karreraren atzetik etortzen diren langileek –anoa-guneko pankartak-eta kentzen, besteak beste–, ziklistek botatako zaborra biltzen dute. Zenbait karreratan, bi zabor-gune ere jartzen dituzte. Eta, bestalde, zenbait ziklistek, zabor-gune horietan ezin izan dutelako-edo, aulki azpian ere gordetzen dute zenbait zabor, aluminio-papera eta beste.
Argazkia: Dani Blanco.
Aldatzen ari da hori ere…
Bai, bai. Ziklistak zigortzera ere iritsi dira horregatik. Ez bakarrik autoari helduta tarte bat egiteagatik, baita ziklismoaren irudia kaltetzen omen duten jokabideengatik ere.
Zein hizkuntzatan komunikatzen zarete?
Gaur egun, denek dakite ingelesez. Ziklistekin, beraz, ingelesez, batere eragozpenik gabe egiten dut. Bestalde, gaztelaniaz, italieraz eta euskaraz ere badakit, eta horiek ere erabiltzen ditut hizkuntza horietako ziklistekin. Frantsesez, neurri batean moldatzen naiz. Garai batean, frantsesa zen ziklismoko hizkuntza ofiziala, eta, gaur egun, berriz, ingelesa eta frantsesa dira. Tokian tokiko karrera eta itzulietan, bertako hizkuntza erabiltzen dute lehenengo, eta ingelesa bigarren. Hala ere, adin bateko epaileek-eta, frantsesa erabiltzen dute oraindik, nahiz eta ingelesa ikastera ere derrigortuta dauden. Horrez aparte, asko gustatzen zaizkit hizkuntzak, eta inora noala ere, bertako hizkuntzan zer edo zer esaten saiatzen naiz, "eskerrik asko", eta "agur" besterik ez bada ere. Saiatu, behintzat.
Fisioterapiarekin batera, Kirol Zientziak ikasia, ziklismo-talde profesionaletan lanean, zein bide egin nahiko zenuke etorkizunean?
Ez dut askorik pentsatu. Oraintxe, hauxe gustatzen zait. Entrenatzaile pertsonala izan nintekeen, edo soin hezkuntzako irakasle ikastetxe batean, baina hezkuntza fisikoa ikasteak eman didan alderdi jakin bat estimatzen dut gehien: kirola ikusteko eta ulertzeko era. Fisioterapiak, bestalde, kirolari bakoitza modu jakin eta berezi batean tratatu behar dudala erakutsi dit, ez dit erakutsi nola artatu behar dudan, zehatz, baina bai modu berezi batean egin behar dudala. Lanak berak erakutsiko dit beste guztia. | news |
argia-91bcc7118da6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/justiziari-uluka.html | Justiziari uluka | Estitxu Garai Artetxe | 2018-07-08 00:00:00 | Justiziari uluka
Espainiako epaitegietan justizia eskatzea eguerdian ilargi bila ibiltzearen parekoa da. Saia zaitezke, baina normalean ez duzu lortuko. Asko jota, otsoen uluak entzungo dituzu.
Ez da espainiar justiziak euskaldunak ez gaituela babesten, espainiar justizia sistema euskaldunon etsaia da.
Ez da espainiar justiziak emakumeak ez gaituela babesten, espainiar justizia sistema emakumeon etsaia da.
Ez da bakarrik botere banaketa ez dela existitzen, baizik eta epaileak eurek direla politika atzerakoienak iraunaraztearen arduradunak.
Enegarren sententzia injustuak Altsasuko gazteena eta La Manadako bortxatzaileena –bai, bortxatzaileena– izan dira. Batera gertatu direla-eta, batak bestearen proportzionaltasun eza eta besteak bataren neurrigabekeria agerian utzi dute. Tratu ezberdindu horretan, alabaina, ez dago interpretazio juridiko interesatu eta ideologizatua bakarrik. Espainiako Estatuaren eraikuntzaren zati batean baliatutako identitatea dago tartean. Identitate patriotiko, hantuste, autoritario, irrazional eta maskulinoa. Kultura oso baten parte da, eta La Manadakoak horren ordezkari dira. Euretako bat guardia zibila eta beste bat militarra izatea ez da inondik inora ere anekdota hutsa. Ez da kasualitatea. Kausalitatea da. Horregatik daude aske. "Euren" presoak direlako. Horren adibide da Espainiako telebista kate pribatuetan, botere faktikoen jitearen ispilu handi horietan, jo ta su ekitea La Manadako "mutilak" zuritzen eta Altsasuko "erradikalak" kriminalizatzen.
Baten batek pentsatuko du zerikusirik ez duten gauzak nahasten ari naizela, baina guztien oinarrian barneratutako sistema atzerakoi, autoritario eta patriarkal bera dago. Sinplifikazio bat eginez, espainiar kartzeletan ijitoak, euskaldunak, katalanak eta etorkinak daude/gaude. Horiek gara Estatuko subalternoak. Ez dago lekurik bortxatzaile, iruzurgile, lapur aberats edo torturatzaileentzat
Halere, aurretik ezagututako beste sententzia batzuen aldean, bi hauetan ezberdintasuna kaleko erantzuna eta sumindura kolektiboa izan da. Bietan ala bietan elkartasun olatua antolatuta zegoen sententzia jakin orduko. Jendea nazkatuta dago. Nazkatuta dago Euskal Herrian, baita Euskal Herritik kanpo ere, aipatu estatu-bilbadura horren zama gero eta pisutsuagoa baita gure mugetatik gaindi. Espainiako aparatuen partetik, ordea, errebindikazioei erantzuteko modu bakarra mano dura autoritario eta adoktrinatzailea da. Altsasukoei persona bat akabatzeagatik baino kondena luzeagoa jartzea, La Manadako bortxatzaileak askatzea eta Kataluniako eskaera soberanistari emandako erantzuna mundu eta Estatu ulerkera beraren adierazpenak dira. Baten batek pentsatuko du zerikusirik ez duten gauzak nahasten ari naizela, baina guztien oinarrian barneratutako sistema atzerakoi, autoritario eta patriarkal bera dago. Sinplifikazio bat eginez, espainiar kartzeletan ijitoak, euskaldunak, katalanak eta etorkinak daude/gaude. Horiek gara Estatuko subalternoak. Ez dago lekurik bortxatzaile, iruzurgile, lapur aberats edo torturatzaileentzat. Ez dadin esan gabe geratu, sistema makillatzeko eta zilegitasun ukitu bat emateko "euretako" bat sartu behar badute, luxuzko ziega atonduko diote pasa behar duen denbora apurra gozatzeko.
Orain artekoa irakurrita balirudike, esaterako, indarkeria matxista eta patriarkatua kontu espainola baino ez direla, eta, zoritxarrez, ez da horrela, ezta urrik eman ere. Euskal Herrian egunero jazartzen baikaituzte berdin-berdin emakumeok. Gauza bat argi daukat, ordea: egiazko demokrazia eta sistema judizial justuago bat eraikitzeko Espainiako epaitegien katetik askatzea da aukera bakarra. Espainian ezin da, Euskal Herrian saia gaitezke. Egitura zurrun horietatik at guztia baitugu irabazteko. Horregatik da hain inportantea sortutako haserre eta samin kolektiboa bideratzen jakitea eta errebindikazioen epizentroa Euskal Herriratzea. | news |
argia-fc542aac10fc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/europako-kontu-auzitegiak-dio-aht-ez-dela-eraginkorra.html | Europako Kontu Auzitegiak dio AHT ez dela eraginkorra | Xabier Letona | 2018-06-27 00:00:00 | Europako Kontu Auzitegiak dio AHT ez dela eraginkorra
Europako Kontu Auzitegiak kritika oso gogorra egin dio Europar Batasuna azken hamarkadetan eraikitzen ari den tren lasterraren sareari: ez du EB egituratzen, garestia da, ez da aurreikusitako abiadura errespetatzen eta ez du uste helburua beteko denik. Europar auzitegiko Oskar Herics-ek egin zuen txostenaren aurkezpena. EBko estatuen artean eraikitako hamalau linea aztertu dira, horietatik lau estatuen artekoak.
Lurralde egituraketa: "Gaizki konektatutako linea nazionalen mosaiko ezeraginkorra eraiki da", salatu du asteartean Oscar Erics-ek, txostenaren arduradunak. Aztertutako epea 2000-2017koa da. Guztira 30.000 kilometro eraiki nahi ziren eta orain arte 10.000 eraiki dira. Txostenaren ondorioa erabakigarria da zentzu honetan: eraikuntza helburua ez da beteko aurreikusitako 2030erako.
Garestia: AHTren Kilometro bakoitza 25 milioi euro kostatzen da. 2000 eta 2017 artean EBk 23.700 milioi euro jarri du sarea finantzatzeko eta horietatik ia erdia, 11.200 milioi euro Espainiak eraman ditu. Gainera, gainkostu handiak daude eraikuntza lanetan. Txapelduna Stuttgart-Múnicht linea da, 1.800 milioi euro aurreikusi zituzten eta dagoeneko aurrekontua 13.273 milioi eurokoa da, hau da, %622 gehiago. Baina, gainkostuak oso orokorrak dira: Madril-Bartzelona-Frantziako muga, %38,5 gehiago; Madril-Leon %33,3; eta Atlantikoko ardatza %26,3.
Epeak: Txostenean salatzen denez, trenbideen eraikuntza epeak ez dira betetzen ari. Kasu larriena Munich-Veronakoa da (Alemania-Italia, Austria zeharkatuz). Aurreikuspenen arabera, 2040rako bukatuko dute trenbidea eta duela 37 urte hasi ziren eraikitzen. Euskal Y-aren atzerapenak ere oso handiak dira. 2006an hasi ziren obrak, eta behin eta berriro atzeratu izan da amaiera eguna: 2010, 2012, 2016, 2018, 2019, 2021... Azken iragarpenen arabera 2023an amaituko dute.
Euskal Y-a: Txostenak ez du sakon aztertzen linea hau, baina oro har ez dela errentagarria izango aurreikusten du. Auzitegiaren kalkuluetan, linea bat errentagarri izateko bederatzi milioi bidaiari behar ditu urteko eta honek ez du izango; ezta Figueres-Perpiyakoak ere, esaterako. Horrez gain, lurralde egituraketari begira ere Euskal Y-ak hutsune handia izango duela azpimarratu du, abiadura handia Hendaiaraino bakarrik iritsiko delako. Frantziako Estatuan Paris-Bordele abiadura handian egiten da, baina Frantziako Gobernuak erabakia du jada ez duela eraikiko Bordele-Hendaia linea abiadura handirako.
Alternatibak: Hori guztia ikusita, EBko Kontu Auzitegiak dio serio pentsatu beharko litzatekeela egiten ari diren inbertsio guztiak tren lasterrera bideratu beharko liratekeen edo ohiko trenbideak hobetzera.
Nafarroako AHT: Europako Kontu Auzitegiak txosten gogor hau plazaratu duen unean iritsi da albistea: Alesbes-Azkoien bost kilometroko zatia esleitu dio Adifek OHL konstruktorari, 55,7 milioi eurotan. Nafarroan 200 kilometroko AHT trenbidea aurreikusita dago, eta orain arte Castejon-Iruñea zatiaren 70 kilometroetatik hamalau egin dira. | news |
argia-83ccaaf72d44 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/hau-dena-aldatu-nahi-nuke.html | Hau dena aldatu nahi nuke | Irati Majuelo Itoiz | 2018-07-08 00:00:00 | Hau dena aldatu nahi nuke
Ez da kasualitatea bertso saioaren kronika. Ekainaren 26an Iruñean, Katakraken.
Gorputz publikoak gara plazan. Gorputz publiko bihurtu gara oholtza gainean, eta oholtzapean. Gure ahotsak diskurtso egin ditugu. Ikusgarri gara orain eta horrek susmagarri egiten gaitu. Gure aurretik zetozenek bidea ireki eta haiekin ibiltzera gonbidatu gintuztelako gara bertsolari orain eta hemen. Bertsotan zergatik jarraitzen dugun mila eta bat aldiz pentsatu arren. Eta pentsatzen jarrita, pentsatzen duten buruak ere bagara, hausnartu, ikertu eta zalantza egiten duten buruak. Barre egiten diegu gure buruei, umorea maite dugu, umorearen bertikaltasuna beste inor azpiratzeko erabiltzen ez badugu. Gure lagunekin kantatzea gustatzen zaigu, taldea gara, eta horregatik, zenbaitetan, aulki bakarrean guztion bandera eusteaz nekatzen gara. Horregatik eta horren kontrara, basa oihanean sartzen garen kontraesanak gara. Emakume* bertsolariak gara, bertsolari eta emakume*, bertsolaritzari ikuspegi feminista emateko prest. Ez baitugu kasualitate izaten jarraitu nahi.
Saiakera egin arren, ezin ditzaket artikulu honetara ekarri Bertsolaritza genero ikuspegitik ikastaroan konpartitu genituen ideia guztiak, aberatsa bezain intensoa izan baitzen bi egunez elkarrekin bizitakoa. Ez da kasualitatea UEUko udako ikastaroen baitan antolatu eta plazak azkar batean betetzen hastea. Izan ere, emakume* bertsolariek aspalditik izan dituzte gai honi buruzko kezka eta aldarriak hizketagai; plaza hartu zutenetik, Kristina Mardarasek, Arantzazu Loidik eta Estitxu Arozenak mahai-inguruan azaldu digutenez. Bertso saio osteetan, etxera bueltako autoko elkarrizketa luzeetan, Askizun eta Artaunsoron egindako topaketetan eta ahalduntze bertso eskoletan lantzen joandakoa izan da, beraz, Iruñean familia giroan azaleratutakoa. Ikastaroa baino areago, bertsoaren mikromunduko komunitatearen zalantzak eta diskurtsoak errotu eta galdera berriak planteatzeko plaza irekia izan da Katakrakeko aretoa.
Bi egunak borobiltzeko bertso saio musikatua eskaini ziguten Saioa Alkaizak, Nerea Elustondok, Miren Amurizak eta Maider Arregik, Danele Sarriugarteren gaiez eta Gari Otamendi eta Ixak Arrutiren musikaz lagundurik. Kausalitate handia behar da lau emakumek* oholtza bera konpartitzeko, eta aukera ongi probestu zuten lau bertsolariek, umorez zein sakontasunez kausalitate horri abesteko. Honaino nola iritsi diren pentsatzen hasi eta inoiz jarri ez dizkieten gaiak atera zituzten kantura, norbere buruari barre eginez kritika fina egiteko. Egunerokoan gai diren gaiak ere ez ziren falta izan, jaietan gerta daitezkeen erasoen aurrean gurasoek dituzten beldurrak eta La Manadako kasua, esaterako. Arratsalde iluntzea gertu zegoen ordea, eta bi egunetako astindu mentalaren ostean, umorea behar zuen bai publikoak, baita bertsolariek ere. Kontraesanak lotsarik gabe agertu ziren mikro aurrean: martxoaren 8aren ostean sindikatuan bizitako aje emozionala, kuadrillakoek lagun baten ile-mozketari egindako kritikak, alaba feministaren eta ama dibortziatu berriaren arteko harremanak, bertsolari mediokreen gorazarrea, bolleren dudak. Kontraesanez kontraesan, barrez leherrarazi zuten entzulea. Eta amaitzeko, aldarria: hau dena aldatu nahi genuke. | news |
argia-a0db4620133e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/idoki-eta-euskal-herriko-etxe-ekoizleen-elkartea.html | "Txikiak garenean kolektiboan eginez soilik ahal daiteke" | Garazi Zabaleta | 2018-07-08 00:00:00 | "Txikiak garenean kolektiboan eginez soilik ahal daiteke"
" Etxe ekoizleak bakarrik egiten du lan bere txokoan: bakarrik egiten du lehengaia, bakarrik transformatzen eta saltzen. Elkartea sortzeko lehen beharra elkartzea izan zen, ekoizleak elkar ezagutzea eta bakartasun horretatik ateratzea". Isabela Barreix Idokiko langileak azaldu dizkigu Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartearen (EH EEE) hastapenak. 1989an jarri zuten elkartea martxan Ipar Euskal Herriko laborariek, eta 1992an Idoki kalitate agintza sortu zuten, etxaldeko ekoizpenari balioa eman eta hura zabaltzeko asmoz. 90 etxalde inguru daude egun kalitate agintzaren barruan.
Etxalde txiki eta ertainetako laborantza iraunkorra oinarri
Laborantza iraunkorraren printzipioetan oinarritzen da Idoki kalitate agintza. Etxalde txiki eta ertainetan ekoiztutako produktuak daude markaren barruan, eta gutxieneko baldintzak bete behar dituzte etxaldeek bertan egoteko: ekoizleek beren lehengaiak soilik erabiltzea, salmenta zuzena eta merkaturatze zirkuitu laburrak lehenestea, abereak egun guztiz kanpoan izatea edota kalitatezko osagaiak erabiltzea etxe-ekoizpenetan (koloratzaile eta beiratzaileak debekatuak dituzte, esaterako).
Azken bi urteetako gogoetaren ondoren araudiak zorroztea eta aurrera begirako urrats berriak ematea erabaki dute: 2027. urterako etxalde guztien praktikak inongo gai kimikorik gabekoak izatea erabaki dute. "Trantsizio fasean gaude: hurrengo 3, 6 eta 9 urteetarako lan ardatzak finkatuak ditugu. Etxalde bakoitzak hautatuko du nondik hasi behar duen". Elkartearen lana izanen da ekologikorako trantsizio fase horren jarraipena egitea, lan taldeak sortzea eta etxaldeen artean trukaketa eta formazioak egitea.
Idokik Uztaritzen antolatutako feriako jai giroa.
Merkatuak eta iniziatiba kolektiboak
Marka soila izatetik urrun, ekimen ugari egiten ditu urtean zehar Idokik. "Antolatzen ditugun merkatuekin eta ekitaldiekin urtea zertxobait arrimatzea da gure nahia", dio langileak. Esaterako, Ezpeletan urtero antolatzen duten Idoki feriak 20. urtea beteko du aurten, abuztuaren 10ean.
Bestalde, laborarien arteko iniziatiba kolektiboak ere bultzatu dituzte azken urteetan: Xuhito haragia transformatzeko gune kolektiboa adibidez, baina baita laborariek garatu dituzten salgune kolektiboak ere. Gune horiek egituratzen eta garatzen lagundu du etxe ekoizleen elkarteak. "Txikia zarenean, kolektiboan eginez bakarrik ahal daiteke. Denbora gehiago hartzen du, nekezagoa da agian, baina azken batean kasik posibilitate bakarra da aitzinera joateko". | news |
argia-0533ad5291dc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/omenaldi-entretenigarria.html | Omenaldi entretenigarria | Montserrat Auzmendi del Solar | 2018-07-08 00:00:00 | Omenaldi entretenigarria
Datorren abuztuaren 25ean, Leonard Bernstein jaio zenetik 100 urte betetzen dira, eta XX. mendeko musika-kultura amerikarraren erreferente izugarri honi omenaldia egiteko, Arriaga Antzokiak kontzertu-espektakulu ikusgarri bat antolatu zuen. Nire ustez, figura honen kalitate eta talentu miresgarriak ez dira behar bezala goraipatzen, agian publikoak Bernstein lotzen duelako genero konkretu batekin, film musikalekin hain zuzen ere, kontutan hartu gabe konpositore honen produkzio oparo eta anitza. Horrexegatik iruditzen zait benetan txalogarria musikari honi dedikatzea Arriagako aurtengo denboraldiaren azken saioa. I hate music izenburuarekin (konpositorearen ume-kanta sorta baten titulua, hain zuzen ere), musikariaren pasarte famatuak eta ez hain famatuak biltzen zituen saio atsegina eskaini ziguten.
Ez zen ohiko kontzertua izan. Bernsteinen pasarte eta abestiak naturaltasunez lotzen ziren bata bestearekin nolabaiteko music-hall giroan sarturik. Argi-efektuak eta bestelako apaingarriak ez ziren falta, osotasun kuriosoa eginez. Bakarlari pare bat izan genuen: Michal Friedlander piano jole israeldarra, oso eroso Bernsteinen musikarekin, eraginkorra une guztietan, eta gure Ainhoa Arteta, inoiz baino izarragoa. Izan ere, Artetak eraman zuen espektakuluaren pisu handiena. Dotoreki abestu zuen, baina ez zen izan bere aktuazio onena. Erraztasunez mugitu zen eszenatokian, nagusitasunez, diva bat bezala. Sinpatiaz ere bai. Artista gertua eta irribarretsua da, eta hori eskertzekoa da, bai. West Side Story obraren I feel pretty kantarekin hasi zen, nahiko irregularra. Baina gora joan zen tolosarra beste abesti batzuekin. I hate music adibidez, graziaz beterikoa atera zitzaion; My name is Barbara gustura entzun genuen; Peter Pan obratik ateratako Dream with me kanta oso adierazkorra iritsi zitzaigun. Baina Somewhere kantan, berriz, ez zuen asmatu tentsioarekin. Hori bai, hobetu beharko luke bere inglesaren ahoskatzea.
Bilboko Koral Elkarteak momentu distiratsuak oparitu zizkigun. Mass obraren Gloria in Excelsis ederki interpretatu zuten, adibidez, erritmoz eta adorez. Bilbao Orkestra Sinfonikoaren lana, Karl-Heinz Steffensen batutapean, doia izan zen uneoro. | news |
argia-35239250bed2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/ez-da-kasualitatea.html | Ez da kasualitatea | Amaia Alvarez Uria | 2018-07-08 00:00:00 | Ez da kasualitatea
2006an Judith Butlerren Undoing Gender. 2007an XXY pelikula . 2008an, Beatriz Preciadoren Testo Yonqui, Euskal Herriko Jardunaldi Feministak (Portugaleten) eta Feminismo Porno Punk jardunaldiak (Donostian). 2009an, Virginia Despentesen King Kong Théorie , Espainiako Estatuko Jardunaldi Feministak (Granadan) eta… Stereo antzezlanaren estreinaldia.
Ez da kasualitatea antzezlan horretan generoaren, gorputzaren eta desioaren gaineko gogoeta egitea aurreko lan eta topaketetan transfeminismoaz eta queer teoriaz aritu ostean.
Ez da kasualitatea Stereo izenburua jarri izana perfomance honi, Miren Gaztañagak bere baitako alde femenino eta maskulinoak androginiaren ideiaren inguruan askatu eta haiekin jolastu ondoren.
Ez da kasualitatea estreinatu eta bederatzi urtera liburu formatuan argitaratutakoan gidoi dramatikoa soilik agertu ez izana, izan ere, sorkuntza pertsonaletik abiatutako talde-lana partekatu nahi izan dute: sortze prozesua, inspirazio iturriak, antzezlanaren deskribapena, lan pertsonalari buruzko gogoeta, lan taldearen esperientzia (Ainhoa Jauregi, Ainhoa Resano, Ibon Agirre), gonbidatuen ekarpenak (Kattalin Miner, Jokin Azpiazu, Miren Narbaiza Martiartu, Oihana Garro Larrañaga), eta EHAZEko Oier Guillanen hitzostea.
Ez da kasualitatea nagusiki gorputzarekin eta musikarekin egindako lana izatea eta oso testu gutxi egotea, dantza eta antzerkiaren arteko obra bat da, azalaren azpian bizi diren ni-ei lokarriak soltatu eta arnasa eman dielako, erabili dituen hiru testu laburrak ekintza eta pertsonaia artean tartekatuz.
Ez da kasualitatea hasieran bi eta amaieran lau pertsonaiak parte hartzea, hasierako galdera eragileen artean hauek izan zituela kontuan hartzen badugu: "Nor naiz ni? Zenbat ni daude nire barruan? Izateko baimena ematen diet guztiei?", jendartean inposatu zaizkigun rol femenino eta maskulinoak nola bizi eta sentitzen ditugun jabetzean eta ahalduntze prozesu bati hasiera –edo jarraipena– ematea. Eta, ez da kasualitatea oraindik han eta hemen antzeztea, aurten urte hasieran azken aldiz –oraingoz– Oiartzunen antolatu zituzten Genero praktikak jardunaldietan.
"Euskal Herrian bada arlo eszeniko ausart, probokatzaile eta moduetan garaikide bat, kasu askotan ezagutua izateko zain dagoena" (Oier Guillan). Aukera baduzue, irakurri eta ikus-entzun ezazue, merezi du eta gure barrua tarteka astintzeak. | news |
argia-c4e467565a6d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/meatzeetako-harri-bitxiak.html | Meatzeetako harri bitxiak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-07-08 00:00:00 | Meatzeetako harri bitxiak
Cork (Irlanda), 1837. Mary Harris Jones (1837-1930) ekintzaile sindikalista, gerora Mother Jones izenez ezagun egingo zena, jaio zen. Txikitan, familiarekin batera Ipar Amerikara joan zen, Irlandako Gosete Handitik ihesi.
AEBetan irakasle eta jostun lanetan aritu zen, baina 1867an senarra eta seme-alabak galdu zituen sukar horiaren erruz, eta handik aurrera langileen eskubideak –batez ere meatzarienak– defendatzen lan egingo zuen: grebak antolatu zituen eta, besteak beste, Munduko Industria Langileak erakundearen sortzaileetako bat izan zen. Agitatzaile guztien amona ezizena ere irabazi zuen azken urteetan. Baina agitatzaile guzti guztiak ez zituen babestu. Sufragistak, esaterako: emakumeen bozkatzeko eskubidearen aurka baino, mugimendu sufragistari hartzen zion kutsuaren aurka zegoen. Klase altuko emakumeen kontutzat zeukan eta boto eskubidea emakume langileen arazo ekonomikoak estaliko zituen beldur zen. "Plutokratek beren emazteak antolatu dituzte", zioen, "sufragioarekin entretenituta dauzkate".
Domitila Barrios Chungara (1937-2012) boliviarra Siglo XX meatzean jaio eta hazi zen. Senarra meatzaria zuen eta haren eskutik hasi zen meatzarien eskubideen aldeko borrokan. Besteak beste, Hugo Banzer jeneralaren diktadura militarraren amaiera eragingo zuen gose greba abiatu zuen 1977ko Eguberritan, beste lau emakume meatzarirekin batera. Gobernuaren jazarpenetik ihesi joanda, aitak marxismoari buruzko hainbat liburu helarazi zizkion eta orduan konturatu zen pentsatzen zuena han idatzita zegoela.
Gurean, Dolores Ibarruriren (1895-1989) senarra ere meatzaria zen. Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusia izango zenak, 1918an erabili zuen lehenengoz Pasionaria ezizena, El minero vizcaíno (meatzari bizkaitarra) izenburuko artikulua sinatzeko. Ibarruri Gallartako meatzeetan jaio zen, Abanto-Zierbenan, eta egun hortxe dago Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa. Egunotan, eta uztailaren 31a arte, Lidergo femeninoak meatze-eskualdeetan izeneko erakusketa dago ikusgai bertan. Aipatutako hiruez gain, meatzeguneetan lidergo rolak hartu zituzten beste zazpi emakumeren ibilbideak jasotzen ditu, Jatorri geografiko, ideologiko eta kultural desberdinak dituzte hamarrek, baina batzen dituzten ezaugarriak ere bai.
Ruben Vega Oviedoko Unibertsitateko historialari eta erakusketaren komisarioaren hitzetan, "ekintzatik abiatuta joan ziren beren profil ideologikoa osatzen, eta ez alderantziz". Gainera, denak tradizionalki maskulinoa izan den eremuan, "testosteronaz betetako meatzeen munduan", egin zieten buru gizonei, rol nabarmenak lortuz, baina emakumeen menpeko roletik, "amen eta emazteen roletik" abiatuta. Beren burua ez zuten feministatzat eta militante feministaren definizio zehatzak ere ez lituzke barne hartuko, "baina de facto baziren, menpeko rol horri aurre egitea lortu zutelako". | news |
argia-26236a7e3d25 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/baratxuri-giroa.html | Baratxuri giroa | Jakoba Errekondo | 2018-07-08 00:00:00 | Baratxuri giroa
Gorrin sasoian gaude. Gorrina, mildiua, gorriena, gorria, elgorria, herdoila, ugerra, suherreta, izen ugari jaso dugu oinordetzan, baina zikulu saltsa ederra dugu gaitzak behar bezala izen jakinekin lotzen.
Hala ere, gorrin sasoian gaude. Aurtengo lehen ia sei hilabeteetako eurite amaigabeak puska baterako hezetasun gorena lotuta utzi du. Eta okerrena orain dator: beroa. Bat-batean giro fresko samar batetik urteko bero handienetara igaroko gara, inolako egokitze tarterik gabe. Izan ere, urteko egunik luzeenetan gara, eta eguzkia bere orbita garaienean dabil, irribarreari eutsi ezinik... Horrek onddoen eta perretxikoen eztanda ekarriko du. Baita landareetan gaitzak sortzen dituztenena ere. Beroa eta lurra etengabe ura lurruntzen, landareen gaitzak eskuak pozez igurzten ariko dira. Hain zuzen landareek urteko hazkuntza handiena izaten duten sasoiaren amaieran.
Orain eguna laburtzen hasten denean landareek hazkuntza ahaztu eta ugalketari begiratuko diote. Udaberrian hazitako adar, zarba eta mastrak ahulak dira, hazi eta hazi biguin eta guri daude. Hemendik atzera, luzatutako puja horiek zaildu egingo ditu, eta horietan sortzen dituen elikagaiak fruituak haztera eta ontzera bideratuko ditu. Zaildu bitarte horretan, gaitzek pagotxa izango dute. Gorrinak eta ez direnak, hautsa, hauts-berretxikoa, herdoa, herdola, zolda, ugalatza, zurina, zuriteria, añoa, ludoia, ikatza, ilintxa... Kupitzen al ditugu landareak!
Landarek, ordea, ez dute errukiaren berririk. Hel diezaiogun, beraz, baratxuriari, Allium sativum . Sukalderako bezala baratzerako lagun ederra da. Gaitzak sortzen dituzten onddoen aurkako aliatu leiala. Baratxuria egosita prestatzen da: txikitu libra bat baratxuri, bost litro uretan jarri, irakitera eraman eta ordu erdi batez su motelean eduki gozo-gozo, jarri tapa eta 12 orduz utzi, iragazi eta zuzenean erabili. Ez da kontserbatzen.
Busti gaitzik hartuko duen susmoa dugun landarea, eguzki galdatan ez dagoela, betiere. Gaitza harrapatu duenari kendu hostorik hondatuenak, eta busti zortzi bat egunez, egunero, goi eta behe, azpi eta gain.
Esaerak hala dio: baratxuria gaitz guztien kontrakoa. | news |
argia-0f965b3ad86c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/nola-gainditu-gu-haiek-diskurtsoa-euskara-oinarrizko-hizkuntza-izanda.html | Nola gainditu "gu-haiek" diskurtsoa euskara oinarrizko hizkuntza izanda | Onintza Irureta Azkune | 2018-07-08 00:00:00 | Nola gainditu "gu-haiek" diskurtsoa euskara oinarrizko hizkuntza izanda
Petra Elserrek hitzaldia eskaini zuen Hernanin. Etorkinen eremuaz eta euskaldunen eremuaz aritu zen hizketan. "Gu" eta "haiek" diskurtsoa alboratu eta bi eremuek euskal komunitate sendoan bat egitea irudikatzen du, hizkuntza-ardatza euskara dela. Jatorriz alemaniarra den Elserrek hamabost urte daramatza Euskal Herrian. Banaiz Bagara elkarteko zuzendaria da, atzerritarrak euskal mundura erakartzeko bideak lantzen ditu,
lan mundua zubi erabilita.
Petra Elserren hitzaldia Hernaniko Euskara Ari Du elkarte antolatzaileak sarean ipini du Youtuben . Hitzaldiaren laburpena ekarri dugu hona.
Eremu komuna, alegia, denok bat egiten dugun eremua
Hiru eremuz hitz egingo dut: eremu komunaz, euskaldunen eremuaz eta etorkinen eremuaz. Has gaitezen lehenengoarekin. Abiapuntu moduan hiru gauza esango ditut. Bat: Norbera alda daiteke, nahiz eta 60 urte edo 80 urte eduki. Bizitza osoan alda gaitezke. Bi: Gizartea ere alda daiteke. Hiru: Komunitate euskalduna nola eraiki pentsatu behar dugu. Guk nahi dugun gizartearen irudikapena egin behar dugu. Nola egon nahi dugu bost urte barru? Euskal komunitatea ez dadila izan gizartearen barruan dagoen komunitate txiki bat erdal komunitate handi batez inguratuta.
Euskaldunen eremua
Ondoko ezaugarriak hartu behar ditugu kontuan euskaldunen eremuaz.
• Komunitate itxia dela esaten da, berea babesteko itxi da, ohikoa da "gu" eta "haiek" erabiltzea. Nire lanean asko entzuten dut: haiek asko elkartzen dira, haiek zapia daramate, haiek beti meskitara doaz... Beldurretik eta arroztasunetik, distantziatik, hitz egiten du jendeak. Nahiz eta "etorkinak" eta "bertakoak" kale berean bizi, "gu" erdian eta "haiek" periferian ezartzen ditugu.
• Euskaraz egiteagatik txalotzen dira atzerritarrak: "Casablancan jaio arren ederki egiten du euskaraz Mohamedek". Ez genuke esango: "Casablancan jaio arren ederki egiten du gaztelaniaz Mohamedek", ezta? Gaztelaniaz egitea normala da, euskaraz egitea ez. Hizkuntza berezi moduan tratatzen dugu.
• Seme-alabek ikasiko dute. Eta haien gurasoek? 40-60 edo urte gehiagoz biziko dira eta haiek ez dute ikasiko? Ez dauka logikarik. Adibidez, emakume hegoamerikarrak seme-alabak jatorrizko herrialdean utzita datoz, baina agian hamar urtez hemen arituko dira lanean. Ez dute euskaraz ikasiko?
• Hizkuntzaren ikasketa akademiaren esku uzten da, euskaltegien esku. Kalean ez beste nonbaiten ikasiko duzu eta gero niregana etorritakoan euskaraz egingo dugu. Gizarteak ez du ardurarik hartzen ikasketa prozesuan; euskaraz egiten lagundu, poliki hitz egin... Ez, adituek irakatsiko diote hizkuntza.
Etorkinen eremua
1960-1970eko urteetan etorritakoez ari gara, baita gaur egun datozenez ere. Ohar bat egingo dut. Zama psikologiko handiarekin datoz, atzerritik datoz, beldurtuta, larrituta, behar batzuekin askotan... Zentzu horretan, eremu hau ezin da parekatu euskaldunen eremuarekin. Hori esanda, azpimarratu behar da euskaraz bizi nahi duenarekin erdaraz egiten duenak bestearen hizkuntza eskubideei uko egiten diela; izan administrazioko langilea, medikua edo kalean ordua galdetu dizuna. Gerta daiteke etorri berriak ez jakitea hemen bi hizkuntza hitz egiten direla, baina behin hori jakinda arrazoi asko eman daitezke euskaraz ez egiteko. Hala ere, hizkuntza eskubideak ukatzen ari dira.
Batzuek bizitza osoan euskararen aldeko diskurtsoa izaten dute, inoiz ezer aldatu gabe. Jendeak politikoki zuzena zer den badaki eta hala dio: "Jakin nahiko nuke!", "Pena, ez dakit!". Bestelakoak ere badira, " no me interesa el euskera ", " háblame en castellano "...
"Hemengoek ez dute ikasten". Diskurtso hori etorkinek eta besteek ere badute. Hori egia bada, galdera da: Nor da hemengoa? Euskaraz dakiten 100 senegaldar bildu eta kale saltzaileen baldintzez jardunaldiak egiten baditugu, nor da hemengoa? Senegaletik etorri dira eta euskaraz ari dira.
Eta atal honekin bukatzeko, atzerritar euskaldunok ardura dugula uste dut. Euskara maila jakin bat daukatenak, nik ezagutzen ditudanak, euskaldunen bikotekideak dira. Bikotekide horiek rol oso garrantzitsua jokatu dezakete eremu komuna deitu diogun horretan kokatzeko.
Islama euskaraz ere bada
Eta orain nola egingo ditugu aldaketak batekoek eta bestekoek eremu komunean bat egin dezagun? Biek egin beharko dugu ahalegina, bestela "gu-haiek" diskurtsoa mantenduko da. Adibidez, batzuek egin dute ahalegina, euskaltegira joan dira eta euskara ikasi dute. Pakistandarrek edo marokoarrek kiroldegian edo kalean euskaraz egiten dute, baina haien lagunak ez dira aldatu, "zu hor eta ni hemen" mantentzen da. Tolosako meskitako lehendakariak esan zidan uste zuela euskara ikasita ateak irekiko zitzaizkiola, baina ez zitzaiola hala gertatu.
Beraz, zein dira nire proposamenak "gu-haiek" diskurtsoa gainditzeko? Oso garrantzitsua iruditzen zait espazio erdi pribatu-erdi publikoa irekitzea. Bazkari-afariez, mendi irteerez, eskolako gurasoen bilerez eta txangoez, auzoko jaiez, ari naiz. Ahalegina egin beharko genuke horrelako guneetara beste herrialdeetatik etorritakoak gonbidatzeko. Eta ez naiz ari egun bateko ekintzez, hau da, auzoko afrikarrek jaietan danborra jotzeaz. Agian afrikar horiek auzoko jaiak antolatzeko bileretara joan behar dute, eta bilerako afarira ere joan behar dute.
Atzerritarrak ikusgarri egitea garrantzitsua da, eta bereziki atzerritar euskaldunak. Euskarari eta migrazioari buruz hitz egiteko ez, bestelakoez hitz egin dezatela. Euskaldunak ulertu behar du islama euskaraz ere badagoela, eta etorkinak ikusten badu bere eremuko bat euskaraz ari dela errazago irudikatuko du denok euskaraz arituko garen eremu komuna. Ez du pentsatuko: "Horiek euskaldunak dira eta gure eremuan berriz erdaraz egiten dugu".
Hizkuntza mailaren balioa ikusgarri egin behar dugu. Zerbitzariak edo adinekoaren zaintzaileak euskaraz lau gauza esaten jakiteari balioa eman behar zaio. Batzuk euskaltegira joan gabe kalean ari dira euskara ikasten eta hori lorpen ikaragarria da.
Katalunian ikasi nuen Europako herriak ez direla inoiz gehiago zuriak izango, kolore eta jatorri guztietakoak izango dira. Bakoitzak bere hizkuntza ekarriko du, eta etxean erabiliko du. Denok lotuko gaituen hizkuntza euskara izatea da kontua. | news |
argia-e4cab30be85f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2606/elkar-fundazioa.html | Euskal kulturaren erraldoia Espainiako Estatuko liburu-banatzaile handienetakoa ere bada | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2018-07-08 00:00:00 | Euskal kulturaren erraldoia Espainiako Estatuko liburu-banatzaile handienetakoa ere bada
Aldaketa handiak egin ditu Elkar taldeak azken urteetan eta horien ondorioz, besteak beste, Espainiako Estatuko liburu banatzaile handienetako bat bihurtu da. Ekainean prentsari azaldu dizkiote enpresa-konglomeratuaren azkenaldiko apustu estrategiko batzuk, euskal kulturan leku zentrala daukan fundazioaren erradiografia egiteko aukera paregabea eskainiz.
Ekainaren 19an Elkar fundazioak kazetariak konbokatu zituen Donostiako Barceló Costa Vasca hotelean. Ezohiko agerraldia, taldearen egitura osoaz eta martxan dauzkaten negozio-lerroez informatzeko baliatu zuena, orain arte publikoarentzat oso ezagunak izan ez diren datuak eskainiz. Denbora gutxian Elkarrek egin duen bigarren agerpen publiko esanguratsua da, aurretik Siadeco ikerketa elkarteari euskal kulturaren kontsumoa azter zezala eskatu eta martxoan aurkeztu baitzuen zeresana eman duen inkesta : ondorio nagusietako batek dio euskaldunen erdiek baino gehiagok ez dutela euskal kulturarik kontsumitzen.
Elkar fundazioari buruzko pertzepzio publikoaz ere galdetu zieten inkesta hura erantzun zutenei: euskal herritarren %65ek du enpresa-taldearen ezagutza, baina fundazioko lehendakari Joxemari Sorsek Donostian emandako azalpenen arabera, "kasurik gehienetan oso mugatua eta partziala" da ezagutza hori. Hara hor, beraz, denbora gutxian bigarren aldiz plazara atera izanaren zergatietako bat: "Ezagutzera ematea garrantzitsua dela baloratu da, are gehiago kultur munduak –eta bereziki liburuaren munduak– etengabeko aldaketa bizi duen une hauetan", irakurtzen da goizeko kafearen bueltan bildu ziren prentsako langileei banatutako txostenaren sarreran.
Ondoko orrialdean, euskal kulturaren konglomeratu enpresarial nagusiaren mapa ikusten da: bost argitaletxe –gehi beste bitan partizipazioak–; beste bost banatzaile –horietatik lau Euskal Herritik kanpo–; 18 liburu-denda; eta beste enpresa batzuk, hala nola, Leitzaran inprimategia, ikus-entzunezkoen ekoiztetxe baten zati bat, Hamaika TB telebista katearen %10 eta Martin Ugalde kultur parkearen %50 –beste erdia Berria -rena da–. Hori da Elkar gaur egun: 433 langileko taldea, 2017an 120 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa izan zuena, lau milioi euroko irabazi gordinarekin –amortizazio, zerga eta finantza gastuak kendu gabe, alegia–. Banaketaren alorra da talde handi horren zutabe nagusia.
Espainiako Estatuko banatzaile nagusien artean
Zehazki, 90,7 milioi euroko fakturazioa izan du Elkarren banaketa-adarrak iaz, Donostian emandako datuen arabera. Eta orain arte oso ezaguna izan ez den zerbaiti buruz informatu du: fakturazio horren %21 besterik ez dagokio Euskal Herrian egiten den banaketari. Beste guztia Euskal Herritik kanpoko distribuzioari zor zaio: %79 –71 milioi euro baino gehiago–.
Banaketaren alorra da Elkarren zutabe nagusia: iaz 90 milioi euro baino gehiago fakturatu zituen jarduera horri esker
Mikel Esnal Elkarreko zuzendari kudeatzaileak esplikatu zuen azken bost urteetan egin duten apustua, baina aurretik nabarmendu zuen liburuaren sektoreak Espainiako Estatuan 2008tik 2016ra izan duen bilakaera negatiboa –salmentak ia heren bat gutxitu ziren tarte horretan; krisi ekonomikoaz gain, Esnalek "faktore ezkor" espresioa erabili zuen bestelako kausak seinalatzeko, besteak beste, testu-liburuen berrerabilpena eta irakaskuntza-eredu digitalak–. Testuinguru horrek eragin du Elkarren estrategia-aldaketa Costa Vasca hotelean aditzera eman zutenez. Tamaina handiagoko aktore izatea jarri zioten beren buruari helburutzat: "Euskal Herri mailako jokalari izateak merkatu dimentsio txikian aritzea esan nahi du, posizio ahulean kokatzen den jokalari txikiegia izatea". Beraz, politika espantsiboak gidatu du fundazioaren banaketa-ildoa azkenaldian eta zenbait apustu egin dituzte norabide horretan: Dispe banatzaile madrildarra erosi dute, baita Valentziako Morcillo ere –biek ere liburuak, ikasmaterialak, jokoak eta papertegiko produktuak banatzen dituzte–.
Euskal Herritik kanpo egiten den banaketaren argazkia osatzeko, fundazioak "betidanik" izan dituen enpresak gehitu behar dira, alegia, Bartzelonan kokatuta dagoen MCL , Katalunian eta Balear Uharteetan funtzionatzen duena; eta Madrilen dagoen ACL , erkidego horretaz gain Gaztela Mantxa, Gaztela Leon, Asturias, Galizia, Aragoi, Valentzia eta Murtziaraino iristen dena.
Madrilgo banatzaile bat eta Valentziako beste bat erosi ditu azken urteetan, baita Uppali frankiziaren erdia ere
Donostiako aurkezpenean ez zuten aipatu beste enpresa bat, zeinaren erdia erosi zuen fundazioak 2015ean: Uppali frankizia-negozioaren %50 Elkarrena da gaur egun. Bi urte lehenago Abacus banatzaile kataluniarrak martxan jarri zuen formatu berria da, haurrentzako liburu, jostailu eta eskulanetarako materialak saltzen dituzten dendak sortzera bideratua. Elkar sartzearekin batera, testu- eta narratiba-liburuak ere eros daitezke Espainiako Estatu osoan saltokiak irekitzen ari den kate horretan –adibidez, 2019rako Aragoin bost denda berri irekiko direla argitaratu zuen iazko azaroan Heraldo egunkariak–.
Biltegietan ere berrikuntzak egin ditu Elkarrek, Donostiakoan zentralizatu ditu Madril eta Bartzelonakoak, mekanizazioan inbertsio garrantzitsuak egin… Dena batuta –enpresen erosketak eta biltegietako aldaketak– 24 milioi euro kosta da estrategia-aldaketa. Emaitza onak eman dizkienik ezin uka, ekainaren 19an publiko egin zituzten zenbakiak ikusita %95eko hazkundea izan baitute banaketaren alorrean 2012tik 2017ra bitartean, Espainiako Estatuko liburu-banatzaileen artean lidergotik gertu kokatzeraino –fakturazioan lehenak direla aipatu zuen Esnalek–.
Paperezko erraldoia
Elkar marka duten
18 liburu-dendez gain, beste 20 dendak taldearen kudeaketa sistema erabiltzen dute
Euskal Herrian ere ez da mugimendurik falta izan azkenaldian, Kepa Matxainek aldizkari honen 2.603. zenbakian argitaratu zuen moduan : Elkarrek Bitarte banatzailea erosi du eta operazio horrek badu zerikusirik Iruñeko Auzolan liburu-dendaren itxierarekin, hau banaketa-enpresa nafarraren parte baitzen. Esnalek Donostiako agerraldian azaldu zuen Bitarteko langileek lanean jarraituko dutela Elkarren eta tratuaren onurak nabarmendu zituen: "Garaia da indarrak uztartzeko. Pozik gaude akordioa lortu izanagatik".
Denden eta banatzaileen arteko harremana da liburu-salerosketaren gakoetako bat. Elkarrek, bere saltokiak edukitzeaz gain –Zuberoan eta Nafarroa Beherean izan ezik, probintzia guztietan du presentzia –, beste formula bat ere jarri du abian azken lau urteetan, "denda laguna" izenekoa. Beste 20 liburu-denda daude sare horretan sartuta. Zer esan nahi du horrek? Aurretik zeukaten gestio-sistemaren ordez, Elkarrena jartzen dutela beraien dendetan, "bikaintasunez" lan egitea ahalbidetuz, zuzendari kudeatzailearen hitzetan; baina "autonomia osoa" mantenduz, kudeaketa sistema propioa ez edukitzeak uzten duen heinean behintzat.
Kaleko dendetan jarri du fokua Elkarrek, sareko salmentetan lehiatzeko aukerak urriagoak direla ikusita. Eta terreno horretan, bada nor: iaz liburu-denden adarrak %34,5eko merkatu-kuota izan zuen Hego Euskal Herrian, sektorearen batez bestekoa baino kasik hiru puntu gehiago haziz.
Hego Euskal Herrian Elkar denden merkatu kuota %34,5ekoa izan zen 2017an eta sektorearekin alderatuz, gehiago hazi da
Paperezko erraldoia dirudi fundazioaren aterkipean dagoen enpresa-taldeak, fakturazioaren parterik handiena liburuei lotuta baitago eta beste formatuetan egindako apustuek ez diote nahi bezalako emaitzarik eman. Horrek esplika dezake aurkezpen hartan egindako beste iragarpen bat: Elkar.eus interneteko dendaren bidez liburu elektronikoak saltzeari utziko diotela . Erabakia esplikatzeko, liburu numerikoen merkatuan gertatu den polarizazioaren berri eman zioten prentsari: edo "pirateria" edo "denok ezagutzen dugun erraldoia" –alegia, Amazon– nagusitu dira eta horietatik kanpo aukera handirik ez dagoela ikusita egin dute hautua, baita irakurgailuak saltzeak zentzu handirik ez zeukala sinetsita ere: "EITB telebista-aparailuak saltzen hasiko balitz bezala da", esan zuen Joxemari Sorsek erabakiari buruzko xehetasunez galdetuta. Nolanahi ere, taldeko argitaletxeek jarraituko dute euskarri digitalean argitaratzen eta liburu horiek erosi ahal izango dituzte irakurleek, editorialaren webgunearen bidez.
Txertoa argitaletxearen funtzio berria
Beste negozio-lerroekin konparatuta fakturazio txikiagoak dituzte Elkarren argitaletxeek, talde guztiaren %8, baina eztabaidaezina da euskal liburugintzan duten pisua. Argitaratzen den bost liburutik bat da fundazioko editorialen batekoa eta horietan ere izan dira aldaketak. Nabarmenena, Txertoa eta Ttarttaloren rol-banaketa. Aurrerantzean, Txertoa arduratuko da orain arte Ttarttalok publikatu dituen helduen liburuez eta bigarren argitaletxe hori haurrentzako lanak publikatzen espezializatuko da.
Liburu elektronikoen apustuak ez du espero bezalako emaitzarik eman eta horregatik, Elkarren interneteko dendan hauek saltzeari utziko diote
Badirudi historikoki eduki duen pisua berreskuratuko duela Txertoak ostera ere. 1968tik dago martxan, hau da, Elkar argitaletxea bera baino lehenagokoa da; baina zenbait urtez ondo definitutako ildoa falta izan zaio, unearen arabera gaztelaniazko saiakerak, haurrentzako biografiak edo sukalde-liburuak argitaratu izan ditu. Orain marko zehatzagoa izango duela ematen du, euskarazko eta gaztelaniazko saiakerak, gaztelaniaz aritzen diren Euskal Herriko idazleen lanak eta euskal idazleen itzulpenak. Azken Durangoko Azokan jada sumatu zen aldaketa, besteak beste Lander Garroren Gerra txikia nobelaren itzulpena ( La pequeña guerra ) erdal irakurleen esku jarri baitzuen. Euskaraz argitaratu dituen azken bi saiakerek –Pako Suduperen Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea eta Hektor Ortegaren Tretatxu, lapurren gobernadorea – zeresana eman dute –bigarrenari buruzko erreportajea publikatu zuen Urko Apaolaza Avilak ARGIAren 2.599 zenbakian –. Zer esanik ez Joan Mari Torrealdairen Asedio al euskera -k, duela 20 urteko El libro negro del euskera osatzera etorri den 400 orrialdetik gorako bolumenak.
Datu, lan-ildo, enpresa eta apustu estrategiko askoren berri eman zuen Elkar taldeak ekaineko agerraldian, ondorio ugari ateratzeko adina. Begi-bistakoena, honakoa: liburu bat ekoizten den momentutik erosleak eskuratzen duen arte, banaketa-saretik eta dendatik pasaz, fundazioaren enpresek zeresana dute produktuaren kate guztian. Eta kasu batzuetan –banaketarenean nabarmen– ez da Euskal Herrira mugatzen den indar-posizioa. Presentzia hori baliatu zuen taldeak berriz ere bestelako kultur politikak eskatzeko. Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendariak aurreratu zuen, abian jarri dutela "etxe barruko gogoeta" gai horri buruz eta ondorioak partekatuko dituztela beste eragile kulturalekin. Siadecoren ikerketarekin irekitako lanketa publikoak aurrerago ere segida izango duela dirudi beraz. | news |
argia-ef8828fb1be5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/denboraren-denboraz.html | Denboraren denboraz | Irati Elorrieta | 2016-07-10 00:00:00 | Denboraren denboraz
Lagun batek esan dit ez al dudan BER aireportuko kaosaz ezer idatziko (BER: Berlin-Branderburgoko Willy Brand aireportua). Heriotza misteriotsu bat ere badagoela, beharbada, afera ustelari lotuta. Lau urtez lanean egon den komisioak bere azken txostena argitaratu duela dagoeneko. Beste lagun batek galdetu dit, noizko dudan artikuluaren entrega eguna. Hiru egun geratzen zaizkidala entzun duenean, ahazteko aholkatu dit; hiru egun ez direla inondik ere nahiko aireportu proiektu horren zer-nolakoak aztertzeko. Aireportuaren zoritxarrak kutsatuta, artikuluaren entrega eguna atzeratzen ikusi beharko dudala neure burua, eta nik neuk ezarritako atzerapenaren data ezin konpliturik, ostera ere atzeratzen. Horrela, betiko sekulatan. Komisio bat jarriko didatela zerk huts egin duen epaitzeko, baina finean, artikuluak ez duela argia ikusiko. Badirudi, duela bost urte zabaldu behar zuen aireportu-fantasmaren inguruan denbora gelditu egin dela. Badirudi, haizea bera ere geldituko den urtearen zain daudela, Europako botere-zentroko aireportua izan behar zuena zabaltzeko.
Gizaseme eta alaba txikiak, ordea, gehiago edo gutxiago, epeak bete behar ditu, zorrak ordaindu behar dituen bezalaxe. Muguruzaren kantu baten hitzekin hasi dudan egitasmoa bukatu eta zutabe-fantasma bat izatetik salbatzeko, oporretara joan naiz. Finlandiarra izan litekeen paisaia batera, aipatu botere-zentro horretatik ehun kilometro eskasera. Hemen ere denbora gelditu dela pentsa liteke. Efektua, aldiz, zeharo ezberdina da. Ez dago porrotarekin loturik, naturaren indarrarekin baizik. Gure sistemaren presentzia urriarekin, ekosistema sentiberei sendotasuna bueltatzen zaie. Hemen, basoak eta ehunen bat aintziren urek garaitu dute.
Gure bisitariak, paseoan zihoala, adineko gizon bat ikusi du zaldiarekin soroa prestatzen. Sinetsi ezinik bueltatu da, lagunei erakutsiko dien argazki batekin. Bisitariak galdetu du, nola litekeen inguru hau guztia ez egotea industrialki esplotatuta. Dena esplotatu behar al da, ba? Kapitalismoan bai, diost, den-dena. Bada, erreserba batean gaude, parke natural batean. Naturaren erreserba kapitalismotik babestutako paradisu bihurtzen da. Antza denez, kapitalismoak paradisu mota ezberdinen beharra du; mugak jartzen dizkion horiena, eta arnasa ematen dizkionena. Esan gabe doa, azken horiek ez daudela gizaseme eta alaba txikientzat pentsatuak.
Bisitariak egindako argazkiak herrialde garatu bateko bazter baten atzerapena iradoki lezake. Baina laurogei urtetik gorako nekazariak berak kontatu dit zaldia larregi ez alfertzeko jartzen duela lantzean behin soroan lanean. Bihitegian bizitzera sartu zaion mapatxe familia erakutsi dit. Eta orein talde batek galopan gurutzatuko du baso artean doan bidea. Zikoinak habia egiteko tokia aurkituko du. Arrano arrantzaleak planeatuko du aintziraren gainetik. Hala eta guztiz ere, azken orduko bi igerilari, inguruetan gero eta igel gutxiago daudelako kexatuko dira. Garapen hitzaren beste adiera bat hazten da espazioak babestean. Beste denbora bat irabazten da.
Bukatu gabeko aireportuaren zutabea urtearen amaierarako utziko dut. Ziurtasun eta baimen kontuek oztopatzen banaute, beranduenez, hurrengo urterako. Zertarako presaka bizi? | news |
argia-c5993171f74a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/ontzigintza-hondarribian.html | Itsasoa eskutik eskura | Aitor Kaltzakorta | 2016-07-10 00:00:00 | Itsasoa eskutik eskura
Itsasoa gobernatzea ezinezkoa izaki, itsasoan norbera nola gobernatu asmatzean jarri dute adimena ozeanoari begira sortu, hazi eta bizi diren herriek. Berdin egin dute Hondarribiak eta euskal itsas ondoko beste herriek. Ongi joan zaie gainera, eta mende luzez ontzigintzan trebatu ziren puntako ekoizle bihurtzeraino. Etorkizuna, baina, itsasoa bezala, laino dago.
Sona handiko ontzigileak eta ontziak sortu eta landu dira Euskal Herriko kale, portu eta ibai ertzetan. Hondartza eta labarretatik harago barnealdea ere ontzi eraikuntzari begira hazi zen garai luze batean, historia, kultura, gizartea eta ekonomia gidatu zituen sektore indartsua belaunaldiz belaunaldi, mendez mende, eskutik eskura iraunaraziz.
Alta, sektorea ez da indartsu dagoeneko, eta ez du ekonomiaren motor edo bela funtziorik betetzen. Iraun egiten du. Areago, iparra bilatzen ari dela esan daiteke, arrantza egiteko kupoak eta beharrezkoak diren beste hainbat neurri urruneko bulegoetan arrantzatu behar diren garaiotan. Itsasora ateratzeko itsasontzi on bat baino gehiago behar da.
Probintziako zentro nagusiena
Hondarribiak protagonismo berezia izan du alor honetan. Lourdes Odriozola Oyarbide historia doktoreak 2003an Hondarribiko Udalarekin batera argitara eman zuen Ontzi eraikuntza Hondarribian 1203-2003 lan mardulak xehetasun handiz kontatzen du iragan zortzi mendeotako emaria.
1203an Gaztelako errege Alfontso VIII.ak Hondarribiko hiribildua fundatu zuen, Bidasoa ibai estrategikoa kontrolpean izan eta Europa Atlantikoarekin merkatal harremanakbermatzeko. XVIII. mendera bitartean Lezo eta Pasai Donibaneko erriberetan egon ziren herrialdeko ontziola garrantzitsuenak eta horrek, Odriozolak jasotakoaren arabera, "Hondarribia Aro Modernoan probintziako ontzi ekoizpen zentro nagusietako bat izatea eragin zuen" .
Garai horretako petrolioa balearen koipea zen, eta hondarribiarrak balea arrantzale bikainak ziren. Hasieran gehienez hamar metro eta bost arraunlaridun txalupa txikiak erabiltzen zituzten, baina baleak euskal kostaldetik urruntzen joan ahala arrantzaleek ere urrutiago –Ternua kasu– joateko ontziak egin zituzten.
XIII. mendean Europa iparraldeko herrialdeetatik iritsi ziren ontzingintza alorreko berrikuntzak, eta euskaldunek horiengandik ikasi zituzten. Ontziak behar propioetara moldatzerik lortu zuten ikasitako teknikak hobetzen eta sektorean aurrea hartzen, XV. mendean perfekzio maila handia lortu eta Europa osoan entzutetsu bihurtzeraino. Batelak, balenontziak, txalupak, karrakak, naoak eta baleontziak egin ziren batez ere Erdi Aroan.
Garai horretan ontziola guztiak hiribilduko harresitik kanpo zeuden: "Santa Mariaren ate inguruko hareatzatik La Roca izenez ezagutzen den tokiraino zeuden ontziak eraikitzeko karroak". Horiez gain, Errota zaharreko ontziola –1612ko dokumentu batean ageri da–, Erriberako ontziola –1545ean Sancho Alkiza kapitainak nao bat eraiki zuen bertan–, Lonjako edo Puntaleko estalpea, Magdalenako ontziola, Bordalabordakoa, Bizkaia auzoko Errege Ontziola, Irungo ontziola eta Lezo eta Pasai Donibaneko ontziolak zeuden.
Euskal ontzigintzaren urrezko garai horretan ontzi mota ugari egin zen, hala nola galera (XVI. mendean), naoa eta galeoia (XVI eta XVIII), nabioa (XVIII)… Aurrerago etorri ziren fragata, bergantina, lega, batela, txalupa, gabarra, trainerua, txanela eta abarrak. Ontzi garrantzitsu asko egin zen urte horietan Hondarribian.
Garai berriak
Hondarribiko lehen ontzi lantegi modernoa Aseginolaza ontziola izan zen, San Pedro kofradiaren parean. 1928an egin zuten aseginolazatarrek bigarren pabilioia, eta makinaria asko eta askotarikoa biltzea lortu zuen. XX. mendean Urtizberea, Errazquin, Ecenarro, Elzo, Zuzuarregi, Lekuona, Garin edota Sagarzazu abizenak batu izan dira sektorera. Hondarribian, baina, batez ere bi dira XXI. menderaino ontzi eraikuntzaren lekukoa eraman duten abizenak: Olaziregi eta Iridoi.
Raku bezala ezagutzen zuten Juan Iridoy 12 urterekin hasi zen Aseginolaza ontziolan ofizioa ikasten. Gerratik bueltan erriberako tailer propioa egitea erabaki zuen. 40 urtez egin zuen lan bertan 1972an erretiroa hartu eta Jose Luis eta Jose Maria semeei lekukoa pasa arte. Egun Hondarribiko Arraun Elkartea dagoen pabilioia eraiki eta bertan jarraitu zuten lanean beste hiru hamarkadaz. Belaunaldi berriak egurrezko arrantzontziak eta poliesterrezko batzuk ere egiten zituen arren, konponketek pisu handia zuten Rakutarren jardueran ontziola itxi arte.
Sustrai elkartearen ardurapean Bentako karroan atontzen ari diren Mariñel itsasontzia (Ecenarron muntatua)
Lázaro Olazireguik Iridoyk baino pare bat urte geroago sortu zuen bere ontziola, Pampinot kalean. Honek ere Aseginolazan ikasi zuen ofizioa. Almirante Alonso kaletik pasata Amute auzoan egin zuen pabilioia ondoren. 1965-1966ko Bartzelonako Erakusketa Nautikoan poliesterrezko ontziak ikusi ostean, Lazaroren semeak –Ignacio eta Ramon– material hori erabiltzen hasi ziren motor txikiak eta txalupak egiteko. Ehunka halako ekoiztu zituzten urte horietan.
1991ra arte egin zuten lan elkarrekin Ignaciok eta Ramonek. Ignaciok eta bere seme Lazarok Hondarribian segitu dute, Gabarrarin instalatu ostean, eta poliesterra landu dute batez ere motor txikiak zein baxurako barkuak egiteko.
Hurrengo belaunaldia
Aitonaren izena daraman Lazarok aitarengandik ikasi zuen ofizioa 13 urterekin tailerrean hasita. Ohikoa izan da eskutik eskura egindako transmisioa. Rakutarrei ere aita tailerrean ikusita sortu zitzaien ofizioarekiko afizioa. Arotzak ziren denak, pazientzia, egiten zekitenarekiko pasioa, ausardia, esku fina eta begi ona zituzten lanerako tresna.
Garaiok, baina, irristakorrak dira. Sektorea ahul dago, noraezean, ontziak egiteko laguntzak bukatu dira eta belaunaldi berriak batzeko zailtasunak daude. Lazarok ez du uste ondorengoak ontziolan lanean arituko direnik, baina badu esperantza.
Enrike Lekuona ontzigintza injineruak Iridoi ontziolan egin ditu bere diseinuetako asko. Azkenaldian Arrantzaleen jakinduria hitzaldiarekin dabil, ontzigileen, arrantzaleen eta armadoreen artean sortzen eta transmititzen joan den jakinduriaz eta egiteko moduez mintzo.
Bertako arrantzaren eta ontzigintzaren etorkizunaz kezka ageri du: "Hemen dugun arrantza selektiboarentzat garai txarrak dira eta mundura atera behar dugu negozio eredu berriak bilatzeko. Ez hori bakarrik, Euskal Herrian baditugu baldintzak berriro ere puntako ontzigintzan aritzeko, baina apustua eta inbertsioa falta dira. CAF edo Irizarren antzera berrikuntzarekin saiatuz gero egoera irauli daiteke".
Enrike Lekuona ontzigintza ingeniariaren marrazkia. | news |
argia-1220e0edc51b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/zerbait-ikaragarria.html | Zerbait ikaragarria | Andrea Zubozki | 2016-07-10 00:00:00 | Zerbait ikaragarria
EHZ festibaleko larunbatarekin, goizeko ordubatean programatua zen Willis Drummond. Eszena handian. Eszena horrek (nire iduriko) ez du barkatzen; soinu eta argi potentzial alimalekoak ditu, ondorioz musika taldearen eskaintzak garbia eta zuzena izan behar du. Willis Drummondeko kideek eszena hori argiki jan digute, beldur izpirik gabe!
Kontzertua aitzin deia, jendea eszena aitzinean metatzen hasia zen. Bat-batean bi argi piztu dira eta sample baten bidez (uste dut) halako nota bat instalatu da, giro berezi baten emaile. Eta hor agertu da Felix, bateria jotzailea, eszena gainean, zuzen bateriarat; Noiz da gero kantua hasten du. Joseba gitarrarat, hasierako kontra denboren jotzerat, eta ondotik Xan eta Jurgi agertzen dira. Kantua hasia da. Publikoa topera!
Gehienentzat hitzordu nagusia zen Willisen kontzertua. Denak kantuz eta oihuka ari ginen, giro ikaragarria!
Ondotik jin dira Ilegala eta Haustura kantuak. Pausarik gabe, kantuak bata
bestearen gibeletik jarraikiz.
Laboaren Gaztetasuna eta zahartasuna bertsioarekin segitzen dute. Eta hor agertzen da eszenarat berriz igo zaizkigula musikalitatez beterik; kantuaren baitan crescendo batzuk jartzen dituzte, mañifikoa! Ondoko kantuetan ere erakusten daukute kantuen intentzio ezberdinak biziki argi dituztela; lehen baino apalago jausten dira eta (beraz) gorago igaiten!
Zenbat gramo, Ur gainean, Berantegi, Ez da dudarik... Publikoan denak kantuz eta pogotatzen. Lekorneko lurraren errautsak aspaldian ez zuen hain gustu ona izan.
Musikariek eszena betetzen dute; hutsunerik ez espazioan, ez eta kantuen artean.
Bizpahiru aldiz berriz erabiltzen dute hasierako sample hori.
Bukaeraren hastapena; A ala B (nire ahotsa bertan galdu dut), Anai. Azken egurrak; Tresna eta Ez da Izango. Aldi honetan azkena dute... Denak galdezka, zoin kantu izanen da?
Gitarran Jurgik botatzen dauku Behin argian ezarrita kantuaren hastapena. Uuuff… Lehen diskoko kantu horrek zentzu handi bat badu pertsona ainitzendako, eta seguraski oraindik askoz gehiago Willis-ekoendako. Ikaragarria. Eszena lurperatu dute.
Eta badoaz.
Beste bat? Bai! Komedia, aferak untsa finitzeko. Ez nuen besterik espero.
Kontzertu hori harrigarria izan da. Ez dakit nondik eta nola, baina tipo horiek kontzertu guztiz zerbait ikaragarria transmititzen digute.
Gora Willis Drummond! | news |
argia-d60e09b3e7b0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/maitena-illarramendi-titiriteroa.html | "Kamiseta bat egin nuen lelo honekin: Ez kritikatu, kutsakorra da" | Reyes Ilintxeta | 2016-07-10 00:00:00 | "Kamiseta bat egin nuen lelo honekin: Ez kritikatu, kutsakorra da"
Bertizko Titiritortoen laguna da eta haien sortzailea. Izaki berezi horien bidez naturaz, kulturaz, beldurraz, bazterkeriaz eta enpatiaz hitz egite die haurrei ikasgelan eta bere txotxongilo emanaldietan.
Nola sortu zen Titiritortoen mundua?
Proiektua poliki-poliki egindako zerbait da, planifikatu gabe sortuz joan den egitasmoa. Irunen egiten dut lan irakaskuntza publikoan, nire semea Hendaiako ikastolan dago eta Nafarroako Gaztelu herrian bizi gara. Beti bueltaka ibiltzen naiz eta denbora librean egin dudan arteterapia moduko bat izan da. Erritmo bizian bizi naiz eta denbora pixka bat dudanean toki lasai bat bilatzen dut, mendian normalean, eta han marraztu, gitarra jo eta idatzi egiten dut. Lehenbizi ipuina sortu zen eta ondoren akuarelaz egin nituen marrazkiak, horiek eskaneatu, maketatu… Liburua autoedizioan plazaratu dut eta orain internetez saltzen dut. Plazer hutsagatik egin dut.
Zergatik Bertiz?
Duela bi urte Bertizera joan ginen bizitzera. Artean Hendaiako hondartzan bizi ginela, ahizpak eta biok eta gure bikotekideek erabaki genuen Bertizen alokatzen zen etxe polit bat hartzea. Berez Arraioz herrikoa da, baina Bertizko oihanean dagoen baserri bat da. Uda hartan semearekin Irlandara egindako bidaian Corken izan ginen txotxongilo jaialdi handi batean. Oso polita izan zen, astebetez toki eta modu guztietako panpina eta istorioak ikusi genituen.
Bertizen ginela idatzi nuen ipuina eta etxeko besteok lagundu zidaten. Txarli kamerari profesionala da, eta berak berehala egin zuen bideoklipa. Lorea ahizpa irakaslea da eta panpinak egiten aritu zen nirekin. Fidel musikaria da eta berak lagundu zidan nik egindako kantak muntatzen eta grabatzen.
Handik sei bat hilabetera beste aukera bat sortu zitzaigun. Nire bikotekidearen familia Gaztelukoa da eta herriko ostatuaz arduratu dira aspalditik. Gu Bertizen ginela hura libratu eta enkantera atera zutela jakin genuen. Orduan ikusi genuen han lan egin eta bertan bizitzeko aukera zegoela eta pena handiz Bertizko etxea utzita, ostatua hartu genuen. Familia izugarri poztu zen eta niri ere Gaztelu asko gustatzen zait. Han oso gustura gaude, jendea oso atsegina da eta izugarri ongi hartu gaituzte.
Toki batetik bestera, beti mugimenduan?
Sortzez donostiarra naiz, Errekalde auzokoa. Haurtzaroan, Antiguan ere pasa nuen denbora pila bat amamarekin, Ondarretako hondartzan. Horregatik, beti mendian eta hondartzan ibili naiz eta atsegin ditut.
Orain Irunen nago, Txingudi Ikastolan. Zazpi bat urte daramatzat irakaskuntzan, baina lehenago zortzi urte pasa ditut kanpoan bizitzen. Londresera joan nintzen au pair, baina ez zen oso esperientzia ona izan. Gero New Yorkera joan nintzen. Ostalaritzan aritu nintzen eta, bidenabar, argazkilaritza eta kamera lanak, bideoak eta dokumentalak egiteko ikasketak egin nituen. Oso gustura bizi izan nintzen lau urtez New Yorkeko erdigunean. Bizitzan gehien ikasi dudan garaia izan zen.
Oso polita zen dena, baina natura behar nuen, eta Costa Ricako oihanera joatea erabaki nuen. Karibeko Puerto Viejo herrixkara joan nintzen nire lagun batek horretaz hitz egiten zidalako askotan. Herri txiki rasta bat zen eta imajina daitekeen bizimodu onena zen hangoa. Oihanetik atera eta hantxe bertan zenuen harea beltzeko hondartza eder-ederra. Jatetxe batean aritu nintzen lanean eta aldi berean argazkilari lanak egiten nituen, gustura bai baina bizitzeko ozta-ozta irabazten nuen. Orduan Ozeano Bareko Melia hotel handi batean lan egiteko aukera atera zitzaidan. Argazki eta bideo arduraduna behar zuten, ingelesduna. Oso modan dago aberatsen artean Amerikako Estatu Batuetan, Kalifornian bereziki, kostaldeko hotel horietako hondartza liluragarrietan ezkontzea. Gonbidatu guztiak zuriz jantzita eta oinutsik joaten dira lorez betetako hondartzetan ospatzen diren zeremonietara. Dena oso dotorea da eta argazki eta bideo ederrak egin behar zaizkie bezeroei. Paradisuan bizitzea izan zen hura niretzat eta oso ongi ordainduta zegoen, gainera. Urte haietan asko bidaiatu nuen: Panama, Honduras, Guatemala, Nikaragua... Ni abenturazale izan naiz beti.
Zer dela eta Euskal Herrira itzuli?
New Yorketik Costa Ricarako aldaketan Gabonak hemen pasa nituen eta nire semearen aita izango zena ezagutu nuen. Nirekin etorri zen Costa Ricara eta ume bat edukitzea erabaki genuen, baina arazo handiak izan nituen haurdun gelditzeko. Umerik ezin izango nuela izan esan zidatenean, orduan etorri zen haurra. Ikaragarria! Oso gogorrak izan ziren haurdunaldi aurretik Costa Rican egin zizkidaten bi ebakuntzak eta Euskal Herrira itzultzea erabaki genuen, babes bila. Horrela sortu zen Xamai.
Xamaik Gatz Titiritortoren antz handia du, ezta?
Hala da. Hau idatzi nuenean 7 urte zituen haurrak eta lo egiteko beldur itzela izaten zuen. Adin horretan ohikoa da, baina nire umearen kasua gehiegizkoa zen. Ipuin hau idatzi nion. Protagonista Gatz da, eta bera ere iluntasunaren beldur da. Semeak sarri galdetzen zidan ea munstroak badiren, eta nire amak esandakoarekin gogoratzen nintzen: pentsatu behar dugula, adibidez, inurriek nola ikusten gaituzten, agian haientzat gu garelako munstroak. Bertizko Titiritortoak pozik bizi dira basoan, eta haientzat gizakiak dira munstro beldurgarriak. Ezezaguna, desberdina, suertatzen zaigu beldurgarria.
Nolakoak dira izakitxo horiek?
Berdeak eta txikitxoak. Komunitatean bizi dira, okilek zuhaitzetan eginiko zuloetan prestatzen dituzten habietan. Ez dute kanpoko mundua ezagutzen eta gizaki bat ikusi zuten lehen aldian zer pentsatu zuten deskribatzen da ipuinean.
Arrek gingila gorria dute, 13 urtetan ateratzen zaiena. Hasieran lotsa pasatzen dute eta ezkutatzen saiatzen dira. Emakumeen hilerokoaren parekoa litzateke, eta nik hemen trantze hori mutilek pasatzen dutela jarri dut enpatia lantzeko. Bestalde, kumeak izateko sexu bereko bi kidek elkartu behar dute. Ez dira lesbianak eta ez dira gayak. Ugalketarako modu hori dute, besterik ez. Naturala da. Adibide moduan, haurrei aipatzen diet ostrek sexuz aldatzen dutela hainbat aldiz bizitzan zehar. Etiketak kentzea da kontua.
Bada Izar Bele pertsonaia.
Gatzen birramatxi da, oso pertsonaia garrantzitsua. Herriko xamana da. Oso harreman estua du naturarekin. Oso ondo ezagutzen ditu sendabelarrak eta bere hitz eta erritu magikoekin gaixoak sendatzen ditu, ingurumena garbitzen du… sorginek egiten dutena, alegia. Gaztea zenean ez zuten herrian maite ezberdina zelako, eta herritik kanporatu zuten. Bat gaizki-esaka hasi zen berari buruz, inbidia ziolako. Izar Belek berezko zoriontasuna zuen eta beste horrek, aldiz, ez zekien pozik bizitzen, ozpinduta zegoelako. Kanpoko gauzak behar zituen ondo egoteko. Hori dela eta, Izar Bele sorgina eta gaiztoa zela esaten hasi zen. Bere gezurren bidez lagunak ere kutsatu zituen eta azkenean herri guztia, baita umeak ere. Jendearen aurkako bazterkeria landu nahi dut horrela. Bullying hitza ez zait gehiegi gustatzen, oso gogorra iruditzen zait. Badira bazterkeria mailak, eta bada bat oso subliminala, atzetik egiten dena, askotan emakumeen artean, pixka bat desberdinak direnen aurka bideratua. Inbidiagatik sortzen da askotan. Adibidez, neska azkar eta polit baten aurka gaizki-esaka hasten dira isolatzeko.
Haurren artean ere ohikoak dira halako portaerak?
Batez ere nesken artean. Adibidez, urtebetetze festara edo zinera denak gonbidatu bat izan ezik, eta bere aurrean esan zeinen ondo pasa duten. Edo mehatxu gisa esan halako pertsonaren laguna bazara niregana ez hurbildu. Nik halako egoerak bizi izan ditut eta oso gaizki pasatzen da.
Irakaspen horiek guztiak nola eramaten dituzu ikasgelara?
Nire asmoa haurrak besteen tokian jartzea da. Horrela, asko enpatizatzen dute Izar Belerekin adibidez, eta ez pertsonaia gaiztoekin. Hausnarketa bultzatu nahi dut. Aho zikinak toki guztietan daude eta beti dago norbait norbaiti buruz marmarka eta bere aldera eraman nahi zaituena. Zenbat min egiten dugun norbaiti buruz gaizki hitz eginda, askotan bizio hutsagatik! Haurren sormena piztu nahi dut. Ikusi dute nola idatzi dudan ipuina eta orain haien kabuz hasi dira kapitulu berriak egiten.
Gizarteak gure bidea lantzea eskatzen digu, baina hori egiten dugunean askotan zigortu egiten gaituzte. Kontraesankorra, ez da hala?
Erresistentzia handia sentitzen duzu zerbait egin nahi duzunean edo zure ahotsa, zure irizpidea izan nahi duzunean. Estaltzen saiatzen dira. Taldeetan gertatzen den dinamika da. Nik uste dut toki guztietan gertatzen dela. Costa Ricara iritsi nintzenean, adibidez, jatetxe batean hasi nintzen lanean. Beste zerbitzari guztiak bertako emakumeak ziren, eta ni altuagoa eta zuriagoa nintzenez, ingelesez banekienez, eta mundu guztiarekin hitz egiten nuenez, elektrikara ematen zuen hozkailura bidaltzen ninduten beti izozkien bila. Nahita bidaltzen ninduten, gero nitaz barre egiteko.
Gaztelun 1936an hilketa lazgarria gertatu zen: haurdun zegoen emakumea eta bere sei seme-alaba leizezulora bota eta han hil ziren.
Sagardia-Goñi familiakoak ziren, eta hura ere horrela hasi zen. Lehenbizi herriko batzuek baztertu zituzten, eta azkenean akabatu. Oso gertaera mingarria da eta jende askok izugarri sufritu du horregatik. Neurri batean Izar Bele pertsonaiarako inspirazioa izan zen.
Carolina Astudillo feminista txiletarra eta dokumental egilea duela gutxi etorri zen Gaztelura informazio bila. El gran vuelo filma egin du berriki Clara Pueyo Jornet emakume komunista katalanari buruz eta Punto de Vista jaialdira gonbidatu dute proiektu bat aurkezteko. Juana Josefa Goñi eta bere zazpi seme-alaben erailketa interesatu zitzaion eta herrira agertu zitzaigun horretaz galdezka. Kontatu nahi du nola arrazoi batengatik edo bestearengatik arrarotzat jotzen ziren emakumeak sorgintzat jo, ehizatu, torturatu eta hil egin izan dituzten historian. Astudillok gaur egun emakumeek askotan duten botere faltarekin lotu nahi du hori guztia. Esan zidan Izar Bele pertsonaia, eta proiektu osoa asko interesatzen zitzaizkiola.
Noiz hasi zinen emanaldiak eskaintzen?
Zugarramurdiko txotxongilo jaialdian hasi nintzen martxoan eta egia esan martxotik hona ez naiz gelditu. Uztailean autokarabana hartu eta Europan barna joango naiz semearekin. Eroen Itsasontzia Holandan dago orain. Kapitaina nire laguna da eta han egin nahi dut nire emanaldia. Horregatik ari naiz testua ingelesera itzultzen. Gaztelaniaz ere atera nahi dut. Amak sorpresa eman zidan duela gutxi ipuina gaztelaniara itzuliz. Oso ondo gelditu da.
Karabanarena nola otu zitzaizun?
Karabanarena segituan pentsatu nuen. Betiko titiritero egingo naiz eta toki guztietara joango naiz, berdin laku baten ertzera, mendi puntara edo basora. Naturan libre ibiltzeko. | news |
argia-c0eaaa99a9a6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/incognita-patagonia-espedizioa.html | Hego Amerikako azken izotz-eremu ezezagunean | E�aut Izagirre | 2016-07-10 00:00:00 | Hego Amerikako azken izotz-eremu ezezagunean
Amerikako hegoaldeko muturrean, Suaren Lurraldean, oso gutxi esploratutako Cloue izotz-eremua dago. Besteak beste Azpeitiko Udalak lagundutako Incognita Patagonia espedizioa han izan da udaberrian, bertako glaziarren egoera hurbiletik aztertzeko asmoz. Azken hamarkadetan izotzak atzera egin duela behatu dute.
Suaren Lurraldearen hego muturrean, Hoste uharteko fiordo, kanal eta mendien labirinto trinkoan dago Cloue izotz-eremua, orain gutxira arte esploratu gabea. Informazio gutxirekin eta satelite bidezko irudiak eskuartean genituela abiatu genuen Incognita Patagonia proiektua Ibai Rico gasteiztarrak, Evan Miles estatubatuarrak eta hirurok. Helburua inguru ezezaguna esploratzea eta bertako glaziarren egoeraren berri ematea zen.
Espedizioa Puerto Williamsen (Txile) hasi genuen martxo hasieran. Han batu zitzaizkigun Keri Pashuk eta Caesar Schinas, baita 40 egunez gure kanpaleku nagusia izango zen Northanger belaontzia ere. Cloue izotz-eremua dagoen Hoste uhartera iristeko itsasoan ibili ginen astebete. Han, batetik izotz-eremuaren goialdea esploratu genuen, eta bestetik glaziarren aurrealdeen egoera ikertu genuen, gaur egun glaziarrek beroketa klimatikoaren erantzule gisa duten joera aztertzeko. Behin-behineko datuek erakutsi digute Cloue eremuaren azalera %20 murriztu dela 1945etik, eta murrizketa hori nabariagoa izan dela azken hiru hamarkadetan.
Proiektuak aurrera jarraitzen du, izotz-eremuaren eta inguruko geografiaren kalitate oneko kartografia argitaratzea baita gure nahia. | news |
argia-94d020ed4a75 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/tosu-betirako-taldea.html | Erresistentziak ereiten | Garazi Zabaleta | 2016-07-10 00:00:00 | Erresistentziak ereiten
Getxoko (Bizkaia) Andra Mari auzoan kokatutako landaren izena da Tosu, berez. Azken urteetan, ordea, zentzu zabalagoa hartu du tokiaren izenak: "Tosu alde batetik proiektu komunitarioa da: lurra lantzen dugu bertan, elikadura burujabetzaren linean eta agroekologia ardatz hartuta. Baina, aldi berean, lurraren defentsarako proiektu bat ere bada", azaldu digu Jon Gomez kideak.
2012ko urtarrilean okupatu zuten landa, baina urte dezente lehenagotik Getxon eta Andra Mari auzoan egondako Lurralde Plan Partzialaren (LPP) aurkako mugimenduarekin lotura estua du Tosuk. "2007ko LPParekin 8.000 etxebizitza egin nahi zituzten auzoan, eta horren aurka borroka indartsua eraman zuten aurrera auzokideek. Azkenean proiektua atzera bota zuten". Urte batzuk geroago, LPParen aurkako asanbladak lehen kanpaldia antolatu zuen Tosuko lurretan.
Parkinga ala baratzea
Tosuko baratze proiektuaren etsai nagusia metro geltokiaren ondoan eraiki nahi duten hirurehun plazatik gorako parkinga da egun. Garraio partzuergoak, trenbide sareak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu dute Ibarbengoako parkingaren egitasmoa, Tosuko lurrak hartuko lituzkeena. Beren argudioa: autoak errepidetik kenduko dituela (jendeak autoa parkingean utzi eta metroa hartuko omen du eta).
Tosu Betirako taldea egitasmoaren aurka azaldu da hasieratik. "Hasteko, proiektua ez da legala, ingurumen inpaktuaren azterketarik ez baitute egin. Ekologikoki ere ez da batere jasangarria: bertako lurrak oso emankorrak dira, eta ur agentziaren arabera lur horien azpian akuifero garrantzitsuak daude". 2014an ziren parkingaren obrak hastekoak, eta uda hartan erresistentzia kanpaldia antolatu zuten Tosuko kideek. Azkenean obrak atzeratu, eta gaur arte proiektu komunitarioa indartzen eta egonkortzen joan da.
Auzoaren parte
Auzoarekin eta auzokideen elkartearekin harreman ona dutela kontatu digu Gomezek. Horren adibide da Getxon parking proiektuaren aurka egiteko elkarlanean sortu berri duten plataforma: auzokide elkarteak, eragile anitzek eta hainbat alderdi politikok osatzen dute mugimendua, besteak beste.
Ekainaren 17an egin ziren obren esleipenak, berriz ere parkingaren kontua martxan jarriz. Azken aldian Tosuko lurren inguruan mugimenduak nabaritu dituztela ere azaldu du Gomezek, eta beraz, herritarrei adi egoteko eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete: "Hau ez da parking bat soilik, Andra Mari auzoa urbanizatzen hasteko lehen harria baizik". Bi eredu ezberdin eta kontrajarri, parez pare. | news |
argia-c1980c047b22 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/burtsek-hiru-bilioi-dolarreko-kapitalizazioa-galdu-dute-brexit-osteko-bi-egunetan.html | Burtsek hiru bilioi dolarreko kapitalizazioa galdu dute Brexit osteko bi egunetan | Pello Zubiria Kamino | 2016-07-10 00:00:00 | Burtsek hiru bilioi dolarreko kapitalizazioa galdu dute Brexit osteko bi egunetan
Historiako muturrekorik handienetako bat –bi eguneko jaitsierarik gogorrena– hartu zuten munduko burtsek Britainia Handiko erreferendumaren ostean: hiru bilioi ("b" hizkiz idatzirik, bai) galdu zuten konpainia handienek beren kapitalizazioetan. Euskal Herriko inbertsiogile baten begietatik begiratuta, nork esan behar zion ingelesen enbata batek burtsako astindurik handiena IBEX 35eko konpainiei eragingo zienik, %12ko galera?
Aste bete baino lehen, ordea, Londresko burtsako FTSE 100 indizeak galera guztiak berdindu zituen eta, aldiz, Europako beste gehienek galeretan segitzen zuten, Madrilek %9, Milanek %11, Paris eta Frankfutek %6… Brexitak gehiago kolpatu Londresgo oligarkia gainerako Europakoa baino?
Ingelesen erreferendumetik harago dago oztopoa, bistan denez. 2016an Londresko burtsak %2 irabazi duen bitartean, Milangoak %25 galdu du, Madrilgoak %15, Paris eta Frankfutekoek %10, denek galdu. Behin eta berriro 2008an hasitako krisi ekonomikoari "kimu berdeak" eta "tunel amaieran argia" iragartzen dizkioten arren, hazkundea nola berreskuratu ez dute agintariek asmatzen, bazter guztiak diru merkez asez ez bada. Europako Banku Zentralak ekonomia zaintza berezietako gaixoa bezala dauka, bere kabuz pultsua lortu ezinik, bizia artifizialki sostengatuta.
Britainia Handiko agintariek lotsarik gabe aitortu dute erreferendumean Leave garaile ateratzekotan ez zeukatela B planik prest. George Osborne ekonomia ministroak zinismoz esan duenez, dibortzioaren aldekoek pentsatu behar zuten biharamunean zer egin. Arazo da Europako beste agintariak ere larru bizirik harrapatu dituela dibortzioak.
Aldagoiaren pean, eten gabe doaz astinduak: orain Erresuma Batuaren zor publikoari A hirukoitza kendu diotela, berehala libraren debaluazioari esker hango esportazioak handitzen ari direla, kontuz, agentzia batek Europar Batasunaren zorra ere jaitsi egin duela sailkapenean, hauteskundeak direla hemen edo han… Berri onik ez globalizazioarekin gizenduta larrialdian dagoen Europa gaixoarentzako. | news |
argia-641ea07c773e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/brexit-ondorioak-eta-eraginak.html | Brexit, ondorioak eta eraginak | Yanis Varoufakis | 2016-07-10 00:00:00 | Brexit, ondorioak eta eraginak
Leave k irabazi zuen, ateratzeak, hautesle britainiar gehiegik identifikatu zuelako Europar Batasuna autoritarismoa, irrazionaltasuna eta demokrazia parlamentarioarekiko mespretxuarekin; eta gutxiegik sinetsi zuelako bestelako EB posible zela.
DiEM25 gure mugimendu paneroparraren baloreei oihartzuna eginez, tinko egin nuen Remainaren aldeko kanpaina. Herritar aurrerazaleak erakarri nahian, EB disolbatzea ez zela irtenbidea esanez jardun nuen Ingalaterra, Gales, Eskozia eta Ipar Irlandako hainbat hiritan. EBren desegiteak itzelezko indar deflazionistak askatuko zituela aipatu nuen; hauek lau haizetara hedatuko litzatekeen murrizketa garai berri bat ekarriko zutela seguruenik; azken finean, horrek establishmenta eta bere ingurune xenofoboen alde egingo lukeela. John McDonell, Caroline Lucas, Owen Jones, Paul Mason eta beste batzuekin batera barruan gelditzearen aldeko lerroa jorratu nuen, baina finkatutako ordena eta instituzioen aurka egiteko.
Gure aurkako aliantza eraiki dute ondoko hauek:
- David Cameronek, zeinaren Bruselarekiko amarruek gogora ekartzen diguten britainiarrek EBtik mesprezatzen duten guztia;
- Altxorra eta haren alarmismo pseudoekonometriko barregarriak;
- Londresko City -ak, zeinaren harrokeria jasanezinak milioika boto-emaile EBren aurka jarri zituen;
- Bruselak, Europaren periferiaren aurka 'urpekaria' izeneko azken tortura eta asfixia simulakroan tematu dena;
- Wolfgang Schäuble Alemaniako finantza ministroak, zeinaren mehatxuek alemaniarren aurkako sentimendua suspertu zuten;
- Frantses gobernu tamalgarriak;
- Hillary Clintonek eta bere kuadrila atlantistak, EB beste "borondateen koalizio" arriskutsu horretan marraztu dutena;
- Eta Greziako Gobernuak: EBren murrizketa zigortzaileen aurrean egindako etengabeko kapitulazioak biziki zaildu digu langile klase britainiarrari sinestaraztea Bruselak euren eskubideak defendituko zituela.
Orain aktibatuko diren ezkutuko indar maltzurrak
Erreferendumaren ondorioak tamalgarriak izango dira. Baina ez dira Cameronek eta Bruselak behin eta berriz esaten zituztenak. Merkatuak berandu baino lehen egonkortuko dira eta negoziazioek seguruenik norvegiar erako irtenbideren bat ekarriko dute. Horrek ahalbidetuko dio hurrengo parlamentu britainiarrari adostasunez hartutako erabakiren baterantz jotzea. Schäuble eta Brusela suminduko ditu, baina gisa horretako konpromisoren bat bilatuko dute Londresekin, bai ala bai. Haien klase instintu indartsua gidari, torie-ak batera arituko dira, ohi legez. Hala ere, oraingo shocka eta gero etorriko den lasaitasun erlatiboaren ondoren, ezkutuko indar maltzurrak aktibatuko dira, Europan eta Britainia Handian kalteak eragiteko gaitasun handikoak.
Italia, Finlandia, Espainia eta zeresanik ez Grezia, ez dira bideragarriak egungo baldintzetan. Euroaren arkitekturak geldialdia bermatzen du eta eskuin xenofoboa sendotzen duen zurrunbilo deflazionarioa indartzen du. Italian, Finlandian eta seguruenik Frantzian populistek erreferendumak edo bestelako deskonexioak eskatuko dituzte.
Plana duen pertsona bakarra Alemaniako finantza ministroa da. Schäublek Brexit osteko izuan aukera galanta ikusten du batasun iraunkor murriztailea ezartzeko. Azenarioa prest dute: euroguneko aurrekontu txiki bat langabeziaren parte bat eta gordailu bankarioen aseguruak ziurtatzera bideratuko dute. Makila berriz, estatuen aurrekontuei betoa ezartzeko boterea izango da.
Arrazoia badaukat eta Brexitak EBko estatu kideentzat burdinazko kaiola austeritario iraunkor baten sorrera badakar, bi emaitza posible daude. Lehena, kaiolak bere buruari eustea, non austeritate instituzionalak deflazioa Erresuma Batura zabalduko duen, baina baita Txinara ere (eta ondorengo desestabilizazioak eragin negatiboak izango ditu bueltan Erresuma Batuan eta EBn).
Bigarren aukera da kaiola haustea (Italiak edo Finlandiak irtetea erabakitzen duetelako, adibidez), eta azkenerako kolapsoan sartuko den eurogunetik Alemania irtetea. Horrek gune berria Deutschmark bilakatuko du –Ukrainako mugaraino zabalduko dena ziurrenik–, deflazioa eragiteko makina erraldoia (moneta berriaren balioak gora egingo du, eta fabrika alemaniarrek nazioarteko merkatuak galduko dituzte). Erresuma Batuak eta Txinak, egoera horretan, aukera gehiago dituzte shock deflazionario handiago batean erortzeko.
Bi garapen posible horien horroreak eraginda, eta Brexitak ez du Erresuma Batua babestuko, nik eta DiEM25-eko beste kide batzuek saiatu gara europeismoa amildegira daraman eta EB gidatzen ari den establishmenta salatzen. Duda handiak dauzkat, Brexitaren ostean sentitu duten beldurraz gain, EBko buruzagiak lezioa ikasteko gai izan ote diren. EBren demokratizazioaz hitz eta pitz eta beldurraren bidez beren burua inposatzen jarraituko dute. Inor harritu daiteke horrenbeste britainiar aurrerakoik EB honi bizkar ematen amaitu izanagatik?
Nahiz eta konbentzitua jarraitzen dudan Leave aukera okerra zela, pozten naiz herri britainiarrak erakutsi duen ausardiagatik. Aurre egin diote EBren defizit demokratikoak eragindako subiranotasun murrizketari. Galdu dugula sentitzeari uko egiten diot, nahiz eta erreferendumeko galtzaileen artean kontatu nire burua.
Orain demokrata britainiar eta europarrek egin behar dutena da boto hori baliatu Londres eta Bruselako establishmentari aurre egiteko orain arte baino indar handiagoz. EBren desintegrazioa oso azkar gertatzen ari da. Europa osoan zubiak eraiki, muga eta alderdi guztien bidez demokrata guztiak batu; horixe da Europak behar duena ez badu aurreko mendeko 30. hamarkadan bezala, amildegi xenofobo eta deflazionario batean erori nahi.
* Yanis Varoufakisek The Guardian en idatzitako artikulua itzuli dugu euskarara. | news |
argia-c042aae3b365 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/eta-brexit-ahaztuta-azkenik-britainia-handia-europan-geratzen-bada.html | Eta Brexit ahaztuta azkenik Britainia Handia Europan geratzen bada? | Pello Zubiria Kamino | 2016-07-10 00:00:00 | Eta Brexit ahaztuta azkenik Britainia Handia Europan geratzen bada?
Dibortzio errazik ez da, gutxiago herrialdeen artean. Europar Batasun osoak ekin dio trantsizio nahasi bati Britainia Handiko erreferendumaren ostean. Liderrik boteretsuenek ere aitortu dute hipotesi honetarako prestatu gabe zeudela, hain zeuden seguru emaitzaz. Bereizketa ondorenerako harreman koadro berria antolatu behar dute Britainia Handiarekiko. Edo harremanak birformulatu... erreferenduma ahaztuta.
Richard Branson txit aberats eta oso famatuaren hitzetatik jakin zuten askok bazegoela beste aukera bat: "Hondamendira goaz eta bigarren erreferenduma behar genuke. Brexitaren aldeko datuak oker zeuden". Ekainaren 28an, asteartea, esan zuen.
Aurretik, 23an britainiarrek erreferendumean erabakirik Europar Batasunetik irtetea, ostiralean eta astelehenean mundu osoko burtsek hiru bilioi –"b" hizkiz, bai– dolar galduak zituzten, Bransonen Virgin Bank diru-etxearen balioa ia %40 hondoratu…
Bigarren erreferendumaren ideia Lord Michael Haseltine Alderdi Kontserbadoreko hautetsi klasikoetako batek haizatu zuen: Parlamentuan oso garbia zela Europan jarraitzearen aldeko gehiengoa eta hortik abiatuta zerbait egin beharra zegoela.
Liberal Demokraten lider Tim Farron ados zegoen zerbait egin beharrarekin eta Alderdi Laboristatik David Lammyk bide bera iradoki zuen, aurreikusiz ekonomiaren hondamendia eta Eskoziak azkenean bere bideari ekitea. Zirrikitu legala ere aipatu zuen Lammyk: "Erreferendum hau kontsultazkoa zen, ez zen loteslea".
Paristik Le Monde k jaso zuen posibilitatea: " Eta azkenean Brexitik gertatzen ez bada? ". Hipotesiak badituelako oinarriak. Hasteko, EB barrutik irtetea nahi duen estatuko lehen ministroak Lisboako itunaren 50. atala abiarazi behar du, egun horretan hasten delarik korritzen bi urteko negoziaketa epea.
Jeremy Corbyn lider laboristak kanpainan eskatua zuen emaitza irtetea baldin bazen Cameronek biharamunean bertan abiarazi behar zuela 50. atal hori. Aldiz, Cameronek dimititu egin du, ondorengo agintariari utziz botoia sakatzeko opari pozoitua. Lehen ministroa hautatzea dela, kargu hartzea, gobernua osatzea… lau hilabete geroago UKIPeko Nigel Farage ez den inor ausartuko da Brexit tekla sakatzera?
Eskoziak ere baldintzatuko du prozesua, eskoziarren gehiengoak Remain [geratu] bozkaturik. Nicola Sturgeonek fite egin ditu mugimenduak Bruselasen. Hori bezain garrantzitsua izan daiteke erreferendumaren beraren deslegitimazioa, alde guztietako funtzionario eta politikoek hasia: Leave [alde egin] botoaren aldekoek gezurrezko informazioa erabili zutela, erabakia Parlamentuari dagokiola eta ez jendeari…
Bestalde, erreferendumaren biharamunean bertan hasi zen interneten bigarren galdeketa baten aldeko sinadura bilketa, egun gutxitan lau milioi bildu zituena, berme oso gutxiko mekanismoa baina Brexitaren emaitza auzitan jartzeko giroan eragin duena. Erreferenduma balio gabetzeko horiek eta arrazoi gehiago aipatu dituzte emaitzak ezagutu ostean Europar Batasunean jarraitzearen aldeko sutsuenek.
Azkenean joango da ala ez Britainia Handia Europar Batasunetik? Irtetea nagusiki populismo eskuindarretik bultzatu duen UKIPeko buru Faragek ez du zalantzarik: herritarren nahia konplituz britainiarrek agur esango diote Europar Batasunari... eta beren ondoren herrialde gehiagok, tartean Frantziak Marine Le Penen eskutik.
Botere errealek erabakia
Aldiz, erreferendumaren emaitza ez dela beteko dio Moon of Alabama, AEBetako blog ezkertiar ezagunak. Bozketaren bezperan idatzi zuen: " Brexit, ez da gertatuko . Ez dio axola zer bozkatuko duten britainiarrek, botere errealek [powers that are] ez diete Europatik irteten lagako". Ekainaren 25ean titulatu du: " Brexitaren emaitza saihestera doaz: eskuin faxistarentzako oparia ".
Bertolt Brechten obra batetik izena hartu duen Moon of Alabamak prestigio handia dauka –zenbait sari ere eskuratuak ditu– nahiz eta publikoak ez jakin bere egileez ezer askorik, aparte bere sustatzaile nagusiak Bernhard izena duela.
Brexitik gertatuko ez dela argudiatzeko zerrendatu ditu Europak irentsitako beste erreferendumak, hauek azkenak: 2005ean Europako Konstituzioaren kontra bozkatu zuten Frantziak (%54,9) eta Holandak (%61,5) baina alferrik, eraginik ez baitzuten izan; 2008an Irlandak Lisboako itunaren kontra bozkatu zuen (%53,2), baina erreferenduma errepikatu zuten; eta 2015ean Grezian %61,3k bozkatu zuen erreskatearen aurka, alferrik orduan ere. Ez konplitze horrek ez badu istilu larririk ekarri herrialde horietan… zergatik ekarri behar du Erresuma Batuan?
Lisboako itunaren 50. artikuluari ez dio berehala heldu Cameronek, dio Moon of Alabamak, eta hori ezean dibortzioaren ordularia abiatzen ez denez, hasierako desafioen ostean Angela Merkelek garbi adierazi du ez dela presaka ibili beharrik eta Londresko agintariei denbora eman behar zaiela erabakitzeko nola jokatu aurrerantzean.
Britainiarrek aurkituko dute modua erreferendumean bozkatua errespetatu dadin? Ala Europar Batasuneko burokratek eta mundializazio neoliberalaren aldeko politikariek lortuko dute erreferenduma ahazturik geratzea?
Bigarren kasu honetan, dio Moon of Alabamak, Brexit kaotiko batek baino kalte larriagoak eragingo dituzte. EBk are legitimitate gehiago galduko du eta "sinesgarritasuna irabaziko dute sistema bortxaz besterik ezin dela aldatu uste dutenek".
Eskuin gogorreko alderdiei arnasa emango die Europa osoan. Hauek entzulego zabala daukate politikoek bezala ekonomiak galtzaile utzi dituen jende xumeen artean, baina eskuindar populisten programa ekonomikoek desberdintasunak are gehiago handituko dizkiete: "Lehenik zukua ateratzen diete txiroei eta klase ertainei egiten zaizkien bidegabekeriei, gero aberatsen indarra are gehiago handitzeko".
Moon of Alabamak uste du Europan falta direla ezkerreko alderdiak nazionalismoaren nostalgia erromantikoa seriotan hartu eta dena zanpatzen duen mundializazioari aurre eginez politika sozialista batekin lotuko dutenak.
Blair, Schroeder, Hollande eta beste sozial-demokratek nazionalismoa madarikatu eta mundializazio anti-nazionalista eta neoliberala goretsi dituzte. Noiz eta nazionalismoak popularitate berria irabazi duenean neoliberalismoak zanpatutako jende xumeen artean. "Eta horiek hutsik utzitako espazioa faxismoak beteko du".
Moon of Alabamarentzako "botere errealak" dira globalizazioaren nagusiak, banka eta korporazio handiak eta OTAN. Bere hipotesietan ez da sartzen, nonbait, egoera berria Britainia Handiko laboristek kudeatzea Jeremy Corbyn bezalako lider batekin.
Ezkerreko nazionalismoak bultzatu ala, Yanis Varoufakisek eta beste askok proposatzen duten moduan, Europako aurrerazaleak estuago elkartu? Hautu konplikatua ezkerreko jendeentzako. | news |
argia-51b7e339d96d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/azkena.html | Azkena | Joanes Etxebarria | 2016-07-10 00:00:00 | Azkena
Gure bertso eskolako lagun batek miresmena die ditxolariei. Erranaldi labur eta errimatuetan, erritmo bizian, zirt eta zart, sekulakoak botatzen omen zituztelako. Labur eta on. ARGIAren proposamena aproposa zen horretarako, eta ahal bezainbeste baliatu dut, epe luzeen artetik, laburki zerbait kontatzeko. Ahal bezala eta mamiari lehentasuna eman nahiz.
Baina autozentsura krudela da. ARGIA aldizkariak (ere) frogatzen baitu egunez egun isunak, polizia eta beste lege edo epaileen gainetik kazetaritza sendoa egin daitekeela. Baina hartu gai mingarri bat, pentsatu "nor naiz ni hori kontatzeko", edo "zer pentsatuko dute" eta ttutt, gaiez aldatu. Gisa horrez baztertu dut Ipar Euskal Herriko elkargo bakarrari egin nahi nion kritika, ene alde matxista salatzeko gogoa, eta beste zenbait gai.
Leku berberean aste bat lehenago aritzen den Itxaro Bordari entzun ala irakurria diot egunero idazten duela, eta nahiz aitak hala egitea aholkatu, egunero ametsetan galtzen naiz, paper gainean hitzik etzan gabe. Hargatik segur aski, zutabe honen arduradunak pentsatu izan du behin baino gehiagotan ez zitzaiola garaiz jinen ene kolaborazioa. Beraz hona edo beste plaza libre batera itzultzeko edo seriostu beharko naiz, edo punkiago bilakatu, edo ondu beharko dut. Plazera izan da, eta plazera izanen da hemen berean irakurtzen segitzea, laster arte. | news |
argia-fdce7dd567e7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/euroexit.html | �uroexit | Endika Alabort Amundarain | 2016-07-10 00:00:00 | �uroexit
Britainia Handian, ekainean egin zen erreferendumean, ezaguna denez, Europar Batasunetik irtetea irabazle atera zen. Nahiz eta prozesua nola bukatuko den ezezaguna izan, argi dago posible dela herrialde bat EBtik ateratzea. Azpimarratzekoa da moneta subiranotasuna (libera eta Ingalaterrako Bankua) abantaila handia dela, prozesua asko erraztuz.
Posible al da herrialde batek Eurozona (eta Euroa) alde batera uztea? Beren garapenerako gomendagarria izango litzateke? Honen inguruan itxi ez den eztabaida luzea eman da. Eurozonan sartzea norabide bakarreko bide moduan planifikatu zen, itzulerarik gabekoa, herrialdeek moneta eta kanbio politika Europar Banku Zentralaren (EBZ) menpe utziz. Gainera, 2007ko krisia hasi zenean, EBZren austeritatea gero eta gehiago nabaritu zen, bere helburuak betetzeko. Horrela, herrialdeek moneta debaluatzeko erreminta galdu zuten, lehiatzeko bideak mugatuz. Herrialdeek aplikatu zituzten neurriak zergak eta soldatak murriztea izan ziren, hots, barne debaluazioa, beste tresnak (moneta eta kanbio politika) ez baitzeuden euren esku. Ondorioz, EBZk inposatutako austeritatearen aurrean erabat mugatuta daude, oso era labur batean azalduta.
Posible al da herrialde batek Eurozona alde batera uztea? Euroan sartzea norabide bakarreko bide moduan planifikatu zen, itzulerarik gabekoa, herrialdeek moneta eta kanbio politika EBZren menpe utzizPosible al da herrialde batek Eurozona alde batera uztea? Euroan sartzea norabide bakarreko bide moduan planifikatu zen, itzulerarik gabekoa, herrialdeek moneta eta kanbio politika EBZren menpe utziz
Krisiaren ondorioak sufritzen ari garen heinean, egoera hau gainditzeko zenbait adituk Hegoaldeko herrientzat Eurotik irtetea beharrezkoa dela proposatzen dute (M. Weisbrot, J. Sapir, C. Lapavitsas, beste batzuen artean): Herrialdeek Moneta Batasuna apurtu dezatela, aldebakarreko irteera jarraitzea. Research on Money and Finance ekonomista politikoen sarearen iritziz, herrialde zordunek ez lukete zorra ordaindu behar, aldi berean Eurozona alde batera utziz eta zor-publikoaren herri auditoretzak eginez. Horrela barne moneta politika berreskuratuko lukete, krisia arinago gaindituz.
Baina proposamen horiek alde ilunak dituzte, Eurotik irtetearekin eszeptikoak direnek azpimarratu duten bezala (M. Husson, M. Etxezarreta, D. Albarracín eta Ó. Onaran, beste batzuen artean). Zer gertatuko litzateke herrialde hauen zorrarekin? Ziurrenik Eurotan egongo dela, arazoa dena. Gainera, aditu hauek azpimarratzen dute Europako periferiaren arazoa ez datorrela Euroaren eskutik, baizik eta finantza, ekoizpen eta kanpo merkataritzan duten dependentziatik. Arazoa dela subiranotasuna berriro nola berreskuratu, eta ez moneta politika nominala berriro berreskuratzea.
Eztabaida oso sakona izan da; hitz hauen helburu apala gurean azalaraztea da, ahal den neurrian, eztabaida piztea. Azken finean, beste herrialde bat horrelako bidegurutze batean aurkituko da. Eta aukera ez da batere erraza. | news |
argia-236986a942bf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/txisteka-misteka-kaseteak-interneten-jarri-ditu-oiartzun-irratiak.html | Euskaraz egiten zen barre orain 30 urte | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2016-07-10 00:00:00 | Euskaraz egiten zen barre orain 30 urte
ARGIAko beteranoek pasa didate informazioa. Txisteka-Misteka kaseteak sortu zirela 30 urte bete dira. "Txisteka-Misteka... 30 urte... Txisteak kasetetan grabatuta, barre efektu eta guzti... Oraingoan ere sartu didate zaharkeriaren bat", pentsatu dut. Baina gero hasi naiz inguruan galdezka eta konturatu naiz gure generazioa ere barre franko egindakoa dela Kike Amonarrizen eta Joxe Ramon Galarragaren hitz-jolas eta txisteekin.
Iraultza txiki bat izan zen euskal munduan argitalpen hura. Txisteak euskaraz kontatu eta barre egitea posible zela demostratu zuten. 1986an kaleratu ziren lehen bi kaseteak IZ diskoetxearekin, eta arrakasta ikusirik argitaratu zituzten hirugarren kasetea 1987an eta laugarrena Gillermo Segurolaren laguntzarekin 1989an. Helburua zen bildutako dirua ARGIA astekariarentzat izatea.
EUTGko ikasle batzuk Susa aldizkariaren bueltan hasi ziren 1980 inguruan astekariko orri batzuk betetzen Titiriteroak izenarekin; horien artean Tere Irastortza, Iñaki Uria edo Kike Amonarriz bera. Umorezko saila, satirikoa... Eta Amonarrizek egun batez zer idatzi oso ondo ez zekiela eta txisteak paperera pasatzea otu, eta handik hasi zen guztia. Irakurleari gustatu eta bide horri jarraitu zitzaion.
Ondoren etorri ziren txiste-afariak, eta horietako batean egin zuten topo Kike Amonarrizek eta Joxe Ramon Galarragak, biak txiste-kontari. Beste kide batzuekin batera afari eta jaialdietan ibili ondoren sortu zitzaien zuzeneko txisteak grabaziora pasatzea. Amasako elkartea hartu zuten eszenatoki, eta afari baten bueltan botatako txiste eta algarekin prestatu zuten lehen grabazioa.
On-line entzun edo deskargatzeko moduan jarri ditu oraintxe Oiartzun Irratiak lau kaseteak . Baten bati entzun diot historian atzera egiteko balio duela, eta neurri batean hala da; txiste motak, tonua... Niri oroitarazten dit herri txikietako erantzun bizkorra, umorea, hitz-jolasa; eta batzuentzat agian antzianoa dena nik uste altxorra dela. | news |
argia-541b8746c0b6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/soldaten-arteko-desoreka-basatia.html | Soldaten arteko desoreka basatia | Juan Mari Arregi | 2016-07-10 00:00:00 | Soldaten arteko desoreka basatia
Espainia da krisiarekin soldaten arteko desberdintasuna gehien hazi den estatua. Nazioarteko erakundeek halaxe diote, eta Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak (INE) kaleratutako azken txostenak ere bai. Desoreka bi arlotan nabarmentzen da: langile prekarioen eta kalitatezko enplegua dutenen artean bata; emakume eta gizonen artean bestea. Langile prekarioak dira soldaten jaitsiera gehien jasan dutenak, eta hori datuen bidez ere ikus daiteke: kontratu mugagabea zuten soldatapekoek behin-behinekoek baino 9.066 euro gehiago irabazi zuten 2014an. 2009tik enplegu egonkorra dutenen eta ez dutenen arteko lan-sarien diferentzia handitu besterik ez da egin, 7.300 eurotik 9.000 eurora. INEk 2008tik erregistraturiko urtez urteko serietan, diferentzia handiena 2014koan ikus daiteke.
Emakume eta gizonen soldaten arteko desoreka ez da txikiagoa. 2014an lehen aldiz hasi zen sexuari dagokion soldaten arteko leizea ixten, gutxienez 2008tik. Gizonen urteko soldata gordinaren (25.727,24 euro) eta emakumeenaren (19.744,82 euro) arteko diferentzia 178 eurotan gutxitu zen 2013an. Abiadura hori mantenduz gero, eta kontuan izanik diferentzia oraindik 5.982 eurokoa dela, leizea guztiz ixteko 33 urte eta erdi beharko genituzke. 2014ko datuak eskuan, ikus dezakegu emakumeek gizonek baino %23,2 gutxiago irabazten dutela.
Desoreka basati horiek haustea gobernu eta enpresa ororen helburu nagusi izan beharko litzateke. Horretarako borondate politikoa beharrezkoa da, berdintasuna erdigunean jarriko duten politika ekonomiko, sozial eta laboral berriak garatu ahal izateko. | news |
argia-a5231e1fe1b8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/alde.html | Alde | Estitxu Garai Artetxe | 2016-07-10 00:00:00 | Alde
Alde. Orain inoiz baino gehiago. Eta alboan Mariano Rajoyren aurpegia lehen planoan.
Barre egin genuen, hanka sartze mundiala inondik ere, itzulpen traketsen antologiaren parte da jada. Apropos eginda ere zaila da kontrako mezua hain doi adieraztea. Barre egin genuen, bai, baina baita negar ere, euskarari hizkuntza funtzional gisa ematen dioten garrantziaren beste erakusle bat baino ez baitzen izan.
Behin ekainaren 26a pasata, alabaina, badirudi PP eta Rajoy bera beste zerbait iragartzen ari zitzaizkigula −uler dezagun "iragarri" etorkizuna aurresatea bezala, ez baita "alde" polisemia duen hitz bakarra−. Jendeak eman du bere botoa, eta Espainiaren erraiak begi-bistan geratu zaizkigu. Bost axola korrupzioa, bost axola gerra-zikina, bozka baldintzatzen duena zera da: Espainiaren batasun sakrosantua. Espainiaren alde egitea inork Espainiatik alde ez egitea da. Kito.
Gobernua osatu nahian ibili diren hilabeteetan ere, mintzagai nagusietako bat erabakitzeko eskubidea eta Kataluniako erreferenduma izan da. Atzo marra gorriak zirenak gaur marra gorri-hori-gorriak dira berriro, eta gora guardia zibila eta indar armatuak, eta bihar nork jakin.
Nabari da asimilazioaren bidetik identitatearen eraikuntzan pauso bat egin dela atzera. Espainia hobetzeko aukeraren bat balego, jendea konforme legoke Espainia jatorrago batean? Independentismoak kontuz ibili beharko du diskurtso horrek uzten duen arrastoarekin
Aurreko hauteskunde orokorren bide beretik, aldaketarako nahia non dagoen ikusteko ez da politologo trebea izan behar, horretarako nahikoa da hauteskunde-mapen Estatuko koloreei begiratzea. Euskal Herrian eta Katalunian ere botoaren logika ez dabil baieztapen honetatik aparte: Espainiaren alde egitea edo Espainiatik alde egitea. Alegia, Espainiako Estatua aldatu daitekeela sinestea edo proiektu propioari eustea. Lehenengo aukerari dagokionez, nabaria da asimilazioaren bidetik identitatearen eraikuntzan pauso bat egin dela atzera. Espainia hobetzeko aukeraren bat balego, jendea konforme legoke Espainia "jatorrago" batean? Independentismoak kontuz ibili beharko du diskurtso horrek uzten duen arrastoarekin.
Iragarpenekin jarraituta, alde, alde egitearen alde, bozkatu dute britainiarrek. Inkestek une askotan Brexita aurresan arren, benetan zaila zen sinestea emaitza hori izan zitekeela. Emaitzak emaitza, nire aburuz, erreferenduma aukera galdua izan da. Aukera galdua izan da ezkerra Europan erabateko noraezean dagoelako. Parada hobezina zen Europar Batasunari buruzko eztabaida serio bat proposatzeko. Ezkerreko mugimenduak erabat zatituta egon dira kanpainan zehar. Batetik, Europan jarraitzearen aldekoek, herrien Europa sozialaren proiektua berreskuratzea posible dela diote, langileen eskubideak Europaren aterkipean hobeto babestuta daudela. Jeremy Corbyn izan da argudio hori baliatu duenetako bat, nahiz eta oso apal eta aho txikiarekin (aurretik beti agertu baita oso kritiko EBrekiko). Beste askok, ordea, TTIP merkataritza akordio neoliberala, errefuxiatuentzako hesiak, Greziarekin izandako jarrera eta austeritatearen bidetik gizarte babesa kamustea baino ez dute ikusten EBren baitan eta Brexitaren alde egin dute. Edonola ere, jakina da ezkerra ez dela gai izan kanpainan eragiteko eta UKIP (Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdia) eta Boris Johnsonek hauspotutako xenofobia izan da jendea mobilizatzeko argudio behinena.
Eskozian, berriz, beste irizpide baten arabera bozkatu dute. Britainiarrak eskoziarrei mehatxuka ibili ostean independizatuz gero Europar Batasunetik kanpo geratuko zirela, orain eurek erabaki dute alde egitea Eskoziaren borondatearen kontra. Paradoxa txikiak. Brexitaren kapitulua ez dago itxita, baina zentzuzkoa da pentsatzea Eskozian erreferendum berriari ateak irekiko dizkiola. Horrek berriro ere mugituko luke herrien erabakitzeko eskubidearen errota, eta aukera berriak zabaldu daitezke Europako testuinguruan. Zein aldetan harrapatuko ote gaitu? | news |
argia-19a907c454f8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/espainian-torturatzen-da.html | Espainian torturatzen da | Xabier Letona | 2016-07-10 00:00:00 | Espainian torturatzen da
Edo Guardia Zibilek, poliziek eta ertzainek torturatzen dute, edo torturatu izan dute 1960 eta 2013 artean bederen. Nork aginduta, nork baimenduta? Lerro hauetan esaten dena arriskutsua da oraindik Espainian, salaketa bat jaso daiteke Estatuaren aldetik edo atxilotua izan. Ikusi besterik ez Burlatako Aztnugal pintaketekin Nafarroako Espainiako Gobernuaren ordezkariak egindakoa: hainbat herritar atxilotu pintaketa soil bategatik.
Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Elkarbizitzarako Zuzendaritzak agindutako "Tortura: 1960-2013" ikerketak 4.660 tortura kasu bildu ditu aipatutako epean EAEko herritarren artean. Euskal Kriminologia Institutuak bideratu du ikerketa, Paco Etxeberria auzi mediku ezagunak zuzenduta. Abendurako bukatua izango dute ikerketa guztia. Torturaren Aurkako Taldearen esanetan 10.000raino ere igo daitezke tortura kasuak Euskal Herrian. Horrelako ikerketa bat abiatzen denean, gainera, tortura jasan eta salatu ez duten pertsona asko azalera daitezke oraindik, giro berriaren baldintzek bultzatuta.
Nork torturatu du? 1.589 kasutan Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak 1.561 eta 310 kasutan Ertzaintzak. Nola ikertu eta zigortu dira tortura hauek? 1960 eta 2013 artean Espainiako auzitegiek 50 funtzionario zigortu dituzte 32 pertsona torturatzeagatik, guztiak 1979 eta 1992 artean; azken data honetatik aurrera ez da zigorrik egon. Ertzaintzaren tortura kasuetatik ez da bakarra zigortu eta, paradoxikoa bada ere, orain arte Eusko Jaurlaritzak beti ukatu du Ertzaintzak torturatu izan duenik.
Espainiako Estatuan tortura onartu duen goi mailako instituziorik esanguratsuena da Eusko Jaurlaritza, eta txosten honek inflexio puntu bat finkatuko du torturaren ezagutzan. Espainiako Gobernuari ere tortura ikertzeko eskaera egin dio Jonan Fernandez Jaurlaritzako bake eta bizikidetza zuzendariak. Denbora tarteak eta torturatu kopuruek adierazten dute tortura sistematikoa izan dela Espainian; hau da, Estatuak bultzatua eta babestua, baina honek ez du inoiz horrelakorik onartu, eta seguruenik horren gordin onartuko ere ez.
Egia, justizia eta erreparazioaren eskeman oso urrats garrantzitsua da Jaurlaritzaren hau, baina hamarkadak behar izan dira Euskal Herrian Pernandoren egiak direnak onartzen has daitezen. Gaitza da Espainia eskema horretan sartua ikustea, eta hori gabe nekez izan daiteke justizia eta erreparaziorik. Baina urratsez urrats bakarrik egin daiteke ibilbide osoa eta hori egia azaleratzetik eta justizia eskaeratik bakarrik egin daiteke. Horretan aritu izan dira urte hauek guztietan salaketak aurkeztu dituzten milaka torturatu, torturak salatu dituzten erakunde, elkarte eta hedabide ugari; eta horretan jarraitu beharko dute aurrerantzean ere, hori egin ezean, halako txostenak edozein gobernuren tiradera batean geratuko baitira.
Ahazteko arriskua hor dago beti, besteak beste askori ez zaiolako interesatzen halakorik aireratzea. Zein esperantzarekin begira dakioke Espainiari? Jaurlaritzaren txostenari emandako zabalkundea neurgailu hartuko bagenu, oso gutxi. Adibidez, El País eta El Mundo k aipatu ere ez zuten egin gaia Jaurlaritzak txostena ezagutarazi ondorengo egunean. El Diario Vasco -rentzat 1.603 gipuzkoarrek torturak jasan izanak bere azaleko 3x4 zentimetroko titulu bat merezi izan zuen. Zorionez, tortura jasan dutenen salaketa eta berau azaleratzeko lanean ari diren herritar eta erakundeen lanak nekez utziko du denborak tortura beste barik irents dezan. Espainiako azken hauteskundeen emaitzak ere ez dira oso esperantzagarriak.
Jende askok sofritu ditu torturak, eta jende asko ari da jasaten oraindik bere ondorioak, besteak beste, torturaren ondorioz autoinkulpatuta zigortu dituzten preso ugari. Zigor horien errebisioa eta tortura bidez lortutako inputazio berrien geraraztea dira bideratu beharreko lehen urratsetakoak. n | news |
argia-935350351a6d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/balentrien-alde-ilunaz.html | Balentrien alde ilunaz | Fermin Erbiti | 2016-07-10 00:00:00 | Balentrien alde ilunaz
Oso futbol zalea ez izan arren, ni ere poztu egin nintzen Osasunaren balentriarekin. Ekaineko larunbat hartan, festaren eztanda ikaragarriaren lekuko isil eta arretatsu izan nintzen. Ilunetik aski izaten dugunez, festaren argiari besterik ez erreparatzea erabakia nuen, jendearen zoramenaren lekuko izatea ederra dela iritzita: karrikak eta ostatuak leporaino, jendea dantzan, oihuka, saltoka…
Bestalde, gurea bezalako gizarte hain zatikatuan gutxitan gertatzen da abertzale, erregionalista eta sozialistak arrazoi berberagatik alaitzea. Eta bada, noski, kontent egoteko beste arrazoirik, Osasuna zalea izan ala ez: klubak guztiokin duen zorra aiseago kobratuko dugu lehen dibisioan bigarrenean baino.
Honaino, ederki dena. Kontua da herri zoramenaren aparra gora zihoan neurrian kontrako bidean hasi zitzaidala barneko bozkarioa, hura guztia gehiegi zelakoan: goizaldeko ongi etorri jendetsua, agintarien omenaldia, jokalariek heroien antzera karrikaz karrika eginiko ibilaldia, hedabideen arreta neurriz gainekoa… Zer nahi duzue esatea: hasierako helburua bazter batean utzita, iganderako festaren iluna nagusitzen ari zitzaion barneko bozkarioari.
Aldarte aldaketa arrazoitu nahian-edo, berriki irakurri eta apunteen koadernotxoan jasotako esaldia gogoratu nuen. Ismael Santos saskibaloi jokalari ospetsuarena da, elkarrizketa batetik hartua: "Kirol profesionalak –dio galiziarrak– funtsik gabeko automatak sortzen ditu. Zer irabazi, horixe balio duzu. Partida irabazten duen jaurtiketa egiten baduzu, heroia zara; huts egiten baduzu, berriz, kakati handiena. Dena azken emaitzaren arabera epaitzen da, eta hori bidegabea eta pobrea da".
Esaldia irakurtzen ari nintzela, irrati esataria hurrengo denboraldiko euskal derbiez ari zen: "Bost euskal talde lehen dibisioan, hogei derbi!". Hura entzun eta segituan telebistak horrelakoetan eskaintzen dizkigun irudiak ikusi nituen: bi taldeetako zaleak nahasturik daude, Estafetan edo Fermin Calbetonen, nor bere elastiko eta lepokoarekin, zerbeza eskuetan, oihuka. Hogei aldiz denboraldian.
Eta ni, etor litekeenaz jakitun, Xabierko San Frantziskoren beso ustelgabeari erregutuz, behin eta berriro: "Arren, derbien aurreko erreportajeetan atera dezatela noizbait Juan Luis Zabalak Txistu eta biok liburuan deskribatzen duen futbol zale motaren ordezkaria: 'Ez nauzue harrapatuko Realaren elastikoa jantzita edo Realaren garaipen bat jauzika eta oihuka ospatzen. Aitortua baino isila da nire Realzaletasuna, espanturik gabea'".
Hogei euskal derbi: hogei aukera profil horretako zaleren bat elkarrizketatu eta derbien aitzineko erreportajeetan berritasunik eskaintzeko. | news |
argia-c610ae369d45 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/smithsonian-jaialdiaren-harira-aspaldi-eman-behar-zen-eztabaida-kulturala.html | Smithsonian jaialdiaren harira, aspaldi eman behar zen eztabaida kulturala | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2016-07-10 00:00:00 | Smithsonian jaialdiaren harira, aspaldi eman behar zen eztabaida kulturala
Euskal kulturaz ezer ez dakien atzerritarrari zer esplikatuko diogu? Aukeratu egin behar baita, dena ezin da azaldu; baina ikuspegi topikoegiak ere ez dira komeni. AEBetako Smithsonian Folklife Festivalera euskal erakundeek eramandako programazioak zeresana eragin du. Irudi estereotipatuegia? Euskal folkloreaz lotsatuta dauden agintariak? Kulturatik bezainbeste politikatik duen eztabaida da.
"Washington DCko National Malletik paseatzen, obeliskoaren eta Washington Monument artean, harrijasotzaile bat agertzen da bat-batean. Gero gizon batzuk ikusten dira frontoian palan jokatzen; harago berriz, tipo batzuk arraunekin eta traineruekin, emakume batzuk arrantzarako sareak josten, benetako baserri bat dago eraiki berria… Sorpresak zorabiatzen du eta beroak estutu; txoko batean pintxoak, txakolina eta Idiazabal gazta eskaintzen dituzte dastatzeko eta pixka bat gehiago izerditzeko. Euskadi da Smithsonian Folklife Festivalera gonbidatu duten Europa hegoaldeko lehen eskualdea". Jordi Barbeta kazetariak La Vanguardia egunkari kataluniarrean joan den ostegunean argitaratutako kronikaren lehen paragrafoak XIX. mendeko koadro kostunbrista baten gisan deskribatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoak AEBetara eraman duen eskaintza kulturala.
Smithsonian jaialdiak euskal zerari eman dion lekuak eztabaida apur bat piztu du Euskal Herrian ere. Bi motatakoak izan dira kritikak: Oier Araolazak Dantzan webgunean Bere folkloreaz lotsatzen den herria izango da aurten Smithsonian Folklife jaialdian artikulua publikatu du. Kritikatu duenez, programan agertzen diren euskal tradizioko gai guztiei "berri", "moderno" edo "garaikide" bezalako hitzak erantsi dizkiete EAEko agintariek, gonbidatutako beste kulturek ez bezala. "Japoniarrek ez daukate inori demostratu beharrik XXI. mendeko herria direla eta ez dabiltza innovation, modern eta horrelakoak aldarrikatzen. Japoniako kultura tradizionala eskatzen badiete horixe ematen diete, adibidez, 'Japanese Buddhist Festival Traditions' izeneko ekitaldia eskainiko dute".
Kataluniak 2018an "etorkizunari" begiratuko dio
Bestelako ikuspegi batetik, agintariek eraman duten euskal kulturaren irudiarekin desadostasunak agertu ditu Podemos-Ahal Dugu alderdiak ere. Uko egin diote jaialdira ordezkaririk bidaltzeari eta argitaratu duten ohar baten bidez azaldu dute kezka handiz ikusten dutela "euskal kulturaz zabal daitekeen irudi estereotipatu eta homogeneoa". Horrekin batera, kulturara bideratutako aurrekontuak murrizten diren bitartean erakundeek "ekitaldi erraldoi eta hotsandikoen aldeko apustua" mantentzen dutela salatu dute, baita "kultura etekin ekonomikoa ateratzeko edo turismoa erakartzeko erabilia izatea" ere, funtzio horretarako baliagarriak ez diren adierazpideak "argazkitik at" utziz.
2018an Katalunia gonbidatu dute Smithsonianera. Kultura helburu turistikoekin erabiltzeko asmoa argi eta garbi adierazi du Santi Vila Generalitateko Kultura kontseilariak La Vanguardia ri egindako adierazpenetan. Baina lerro artean irakurtzen dakienak ulertuko du euskal instituzioek AEBetara eraman dutenaz daukan iritzia. "Oso interesgarria" iruditu zaio euskotarren programazioa, baina argi utzi du: "Erakusketarako gure irizpideek gehiago begiratuko diote etorkizunari iraganari baino". | news |
argia-68329e805e2c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/non-dago-genghis-khan.html | Non dago Genghis Khan? | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-07-10 00:00:00 | Non dago Genghis Khan?
Xi Xia inperioa (egungo Txina), 1227ko abuztuaren 18a. Genghis Khan Mongoliar Inperioaren sortzailea, erregeen erregea, hil zen, 65 urte inguru zituela, historiako inperiorik zabal eta iraunkorrenetakoaren oinarriak jarri ondoren. Baina heriotzaren kausak ez daude garbi.
Kronika batzuek diote zalditik erorita hil zela, beste batzuek mendebalduko xiatarren aurkako guduan hil zutela eta, Marko Poloren arabera, "Caaju izeneko gazteluari eraso zion, geziz belaunean zauritu zuten eta zaurien ondorioz hil zen. Tamalgarria izan zen, gizon ausarta eta jakintsua baitzen".
Haren hilobia aurkituz gero, agian gehiago jakingo genuke garaiko inperiorik handiena sortu zuen gizonaren bizitzari eta, batez ere, heriotzari buruz. Bada haren omenezko mausoleo bat, baina Khan ez zuten han ehortzi. Zurrumurruek diote 1937an sobietarrek haren hilobirako bidea erakuts zezaketen zantzuak aurkitu zituztela monasterio budista batean, edota bi arkeologo frantziar bilaketan hil zirela, hilobia madarikatuta dagoelako. Baina hilobiaren zantzurik ez dago oraindik.
2004an Genghis Khanen jauregia aurkitu zuten, eta horrek hilobia aurkitzeko itxaropenak eta grina piztu zituen. Maury Kravitz arkeologo amateurrak 40 urte eman zituen horretan, eta azken urteetan ahalegin berezia egin arren, 2012an hil zen ezer lortu gabe. Orain Kaliforniako Unibertsitateko Albert Yu-Min Lin arkeologoa ari da hilobiaren bila, teknologia berriak eta ingurua kaltetzen ez duten metodoak erabiliz. 2015eko urtarrilean proiektu bat jarri zuten martxan, espaziotik ateratako argazkien bidez hilobiaren kokalekua aurkitzea xede duena.
Kontua da Temüjin –hori zuen jatorrizko izena– Borjigin tribukoa zela eta tribu horretan hildakoak leku sekretuetan ehorztea zela ohitura. Mongoliarren erregeak ere ohitura zaharrari eutsi nahi izan zion. Kondairak dio haren gorpua Mongoliara eraman zutela, Khentii Aimag jaioterri ingurura. Prozesioak bidean aurkitzen zuen pertsona oro hil omen zuten. Hilobia eraiki zuten esklaboak, amaitutakoan, sarraskitu omen zituzten, eta haiek hil zituzten soldaduek ere amaiera bera izan zuten. Ibai baten bidea aldatu omen zuten kokalekua are sekretuago egiteko. Ondoren zaldi batzuk ere ehortzi omen zituzten, hilobiaren zigilu modura, eta hainbat zuhaitz landatu, kokalekua hobeto ezkutatzeko asmoz.
Arkeologoak, sateliteak eta bestelako teknologia lagun, garaiko potentzia boteretsuenaren ahaleginen eta denboraren joanaren aurka ari dira borrokan, eta ez dirudi irabazteko aukera handirik dutenik. Lortuko balute, beharbada informazio pixka bat gehiago eskuratuko lukete pertsonaiaren inguruan. Bestela, Genghis Khanen azken nahia betiko errespetatuko litzateke. | news |
argia-2ead7dd2e7fc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/liburua.html | Barrutik | Igor Estankona | 2016-07-10 00:00:00 | Barrutik
Askatasunak leku bat hartzen dizunean egunerokoan, haren alde egin behar duzunean halabeharrez, beharrizan bihurtu dizutenean flotatzea, orduan berdin zaizu ze kartzelatan zauden, kartzela propioetan ez erortzea da garrantzitsuena: "Ez galdetu non nagoen, berriz ere./ Hemen nago,/ hotz izoztuko eta ur epeleko aberrian,/ ez lurrean ez airean, soilik aske,/ soilki askatasunean".
Ekhineren poesiak badauka bertute bat: ez du errukirik nahi espetxean dagoenaz, ez du sortzen literatura lodi hori erruduntasun kolektiboarena. Zarauztarrak askatasunari kantatzen dio preso zergatik dagoen ederto dakienaren soseguaz. Bahitua eta eroana izan dena ez dute nahi, noski, kantari, ez dute nahi idazle, ez dute nahi ametsetan. Horregatik diosku, kontzienteki, ez dela tristea preso egotea, ezpada norbere burua uztea. Hortik hasten baikara uzten gizatasuna bera. Eta gizatasun horren alderik xamur eta poetikoena du zauriak agerian eroate hori, zalantza eta desesperazioa gure baitan daudela aitortzea: "emagaldu/ nahi dut// galdu//ni berri bat/ kausitzeko". Talaiatik barik, sufritzen duenaren enpatiatik idazten du halaber, zorrotz, ustez libre gabiltzanon munduaz.
Hikmet, Hernandez, Teresa Jesusena. Euren buruen oso kontziente zirelako deitu zuten erresistentziara. Buelta eman zioten sistemari, sistemaren zirrikituetatik irazitako urak lez: "armairutik atera/ eta lokutorioan/ bahitu gaitizten, maite// baina gure gogoek/ elkar hartu eta/ hegan egin diten, aske".
Arriskatzen duenaren poema liburua ere bada hau. Bihotzarekin eta erraiekin idatzia, batzuetan gorena da eta beste batzuetan lar kaotikoa, lar mendrea poema batzuen esanahia, lar ebidenteak eta behin eta berriz erabiliak zenbait argumentu poetiko, "malkoz itsasoratuko dut gorrotoa eta/ samurtasunari egingo diot txokoa". Sarriren Kartzelako poemak begi ninietan daramatzagulako izango da beharbada, baina kartzelako nire literatura gogokoenaren ekarpen politiko eta poetikoa oinarritzen da, hain zuzen, apur bat mistikoa ere baden pausan, behaketan eta sakontasunean. Ekhineren poesia, zentzu horretan, menderakaitzagoa da. Abantaila du freskurarena, arriskua saski-naskiarena. Liburu honen xarma eta ekarpen ederrena ere arrisku horretatik jaiotako fruitu debekatua da finean: haragikeriazko maitasun itzel bat maitasun erromantikoa baino askoz ederragoa, borroka klasikoa baino askoz askatzaileagoa. | news |
argia-b5e531c684b1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/joseba-urrusolo-sistiaga-preso-politiko-ohia.html | "Gure borrokaren erradikaltasuna oso artifiziala izan da" | Mikel Asurmendi | 2016-07-10 00:00:00 | "Gure borrokaren erradikaltasuna oso artifiziala izan da"
Pasaia 1957. Herria utzi zuenetik 35 urte iragan dira. 16 urte eman zituen klandestinitatean eta 19 espetxean: "Preso izan denarentzat ahalegin itzela da hedabideen aurrean jartzea, niri ez dit plazerik ematen", esan digu ETAko kide ohi honek. Preso direnekiko ardurak eta bere herriarekiko hartu zuen engaiamenduak motibaturik mintzatu zaigu. Humberto Unzueta Kareaga kazetariaren Langraiz bisean bis (Erein) liburua hartu dugu solasaren abiapuntu, ETAren disidentziarekin aurrez aurre du ere izenburu.
Langraiz bidea delakoa, preso gutxiengo batena da. Zergatik ez da gehiago bildu?
Bide hori hautatu dugunok kartzela ezberdinetan egon gara, aspaldiko presoak eta berriak. 80. urteetan jada, preso askok ETAren bidearekiko kritikak egiten zituzten, areago, horietako batzuk azkenean Langraiz bidea hautatu genuenok baino askoz zorrotzagoak. Baina, kritika horiek nola bideratu arazo handia izan da. Kartzelan ez duzu Kolektiboarena ez den beste biderik [EPPK-Euskal Preso Politikoen Kolektiboa]. Egin dezagun kalkulu bat: zenbat jendek segitzen du politikan kalera atera ondoren? Gehiengoak bere bizitza egiten du, manifaren batera joaten da, eta puntu. Hau da, norberaren askatasuna kanpoan onartuta dago, presoari ez zaio onartzen ordea; barruan ez dago erabakitzeko eskubiderik. Presoari eskatu zaio parametro zurrun eta zorrotzen barruan "erabakitzea". Kolektibotik ateratzea oso zaila da. Ateraz gero, abokatu gabe geratzen zara, inolako laguntzarik gabe. Ordura arte izan duzun ingurua galtzen duzu.
Ausardia handia behar da, beraz.
Bai. Sekulako ausardia behar duzu zeure jarrera Kolektiboan planteatzeko. Eta ez bakarrik "kolektiboa uzten dut, eta neure bidea egiten dut" esateko. Barruan beste bide batzuk ere planteatzeko.
Kolektiboaren izaera zurruna eta zorrotza dela, diozu.
Bai. Presoa guztiz mugatuta dago. Kolektiboan dagoen mentalitatearengatik eta inguruan sortzen den presioarengatik jendeari legalitatearen bidetik urratsik ematea ezinezkoa egiten zaio. Erabakiak kolektiboaren ikuspegitik hartu izan dira beti, zure erabaki pertsonala galtzen duzu.
"ETAren disidentziarekin aurrez aurre", idatzi du Humberto Unzuetak. ETAn izan al da disidentziarik?
Disidente izatea... ez da erraza. Gurean, gogorra izan da naturaltasunez nork bere iritzia ematea. Iritzia planteatzea bai, baina planteatzen duzuna ordura arteko jarduera aldatzeko bada, berehala talka egiten duzu "goiko"-ekin, eta arazoak sortzen dira. Ez da bakarrik ETAn izan. Horrelako erakundeetan onartzen da erakundea uztea: nekatuta zaudelako, zure familiarekin bizi nahi duzulako, itsasoz bestaldera joan nahi duzulako… Joera horiek ulertzen dira. Alegia, "gogorrek jarraitzen dute, besteek ezin dutelako". Uste hori nagusitu da. Kontua da, ez dagoela disidentziarako arrazoi edo jarrera bakarra, militante bakoitzak berezko iritzia du.
Langraizeko presoen aniztasuna azpimarratu du ere Unzuetak.
Langraizen bildu ginenon artean jarrera ezberdinak ziren. Batzuek irtenbidea modu pertsonalean ikusten zuten, eta hori errespetagarria da. Beste batzuentzat, niretzat barne, Langraiz bidea militantziaren jarraipena da. Militantzian erabaki batzuk hartu genituen eta orain ere bai, gure ardura ekarpen politikoak egitea delako. Gu kritiko agertu ginenean, gure asmoa ez zen bide legaletik egitea, hau da, kartzelatik ateratzea lehenbailehen eta puntu. Ez. Gure ustez, hausnarketa sakona egin behar genuen Kolektiboan, eta orobat ezker abertzalean, borroka armatuarekin bukatu beharra ikusten genuelako, hori zen funtsezkoena.
Zergatik ez zen borroka armatuarekiko jarrera kritikoa areagotu kartzeletan?
Adibidez, askotan aipatu da Nelson Mandela. Mandelak bere biografian esaten du: "Gu saiatzen ginen kolektibo bezala funtzionatzen, baina praktikan ez zegoen kolektiborik, kartzelak berak eragozten zuen hori". Mandelak berak erabaki zuen gobernuarekin bere kabuz harremanetan sartzea, presoen kolektiboaren arabera hori ezin zuela egin jakin arren. Eta egin zuen ondoko presoekin kontsultatu gabe. Hasi zen kartzelako arduradunekin harremanetan, eta hori tabu zen. Haren kolektiboak "Gobernuarekin guk negoziatu behar dugu", zioen. Mandelak ez zuen kolektibo bezala ezer negoziatzeko aukerarik ikusi. Guri ere berdin gertatu zaigu eta hark bezala geure urratsak eman ditugu.
Arnaldo Otegi eta Mandela parekatu dira zenbaitetan. Logroñoko kartzelatik egindako elkarrizketan: "Gure etsaiak Espainian daude, ez Langraizen", adierazi zuen orri hauetan.
Otegik horrelako adierazpenak egin ditu eta modu pertsonalean antzeko mezuak bidali izan dizkie Langraizeko preso batzuei. Horrelako detaileak oso inportanteak izan dira. Baina, gure artean ez da Mandela modukorik izan. Hegoafrikako egoerak eta Mandelak jokatu zuen rolak ez dute zer ikusirik izan hemengoarekin. Mandelak kartzelan eman zituen urratsak arazoa konpontzeko, onartu zituen barruko bizi baldintzak pertsonalki: 3. graduaren antzekoak. Irteerak kartzelatik. Hemen, zoritxarrez, ez da halakorik izan.
Zer iritzi duzu EPPKren ibilbideaz?
Kolektibo bezala funtzionatu nahi izan du, baina ez da horrela izan. Kolektiboak presoen iritzia adierazteko markoa izan behar du, baina praktikan gutxi batzuek erabaki izaten dute. Erabakiak orokorrean kanpoan hartuak dira, preso ohi batzuek hartzen dituzte, abokatuak tarteko. Garai batean Gestoras delakoak kudeatzen zituztenek. Horiek presoen iniziatibak geldiarazi dituzte askotan edota dinamika batzuk ezarri: gose grebak, itxialdiak eta beste. Eta horiek gehienak kanpotik planteatuak izan dira.
Yoyesena kolpe latza izan zen. Dena den, ETAn
ez da dena zuri eta
beltza izan
Zer ondorio atera duzu ETAren borroka armatuaren bilakabideaz?
Nire ondorioetako bat da, ezkorra, borroka armatua praktikatzeak sorrarazi duen mentalitatea. Parte-hartzea edo barne demokrazia bezalako ekimenak, printzipioz ezkerreko baloreak, ez dira landu. Aldiz, mentalitate horren bidez, erakundea helburu bihurtu zen. Erakundearen jarraipena izan da helburu, eta da. Gure garaikoek ardura eta konpromisoa geneukan, baina gure kontraesanak agertzen hasi zirela jabetu ginen. 1985etik aurrera ohartu ginen erreforma ari zela finkatzen, gustatu ala ez. Aljeriako negoziazioetan amaiera ordenatu eta duina lortzeko aukera galdu zen.
Harrez geroz, ETAren beste aro bat hasi zen. ETAren jarduera aldatu zen zure ustez?
Gure garaikoak beti saiatu ginen helburu eta pertsona zehatz batzuen aurka jotzen. Euskal Herriak bizi zuen errepresioaren arduradunak ziren, horiek ziren erakundearen helburuak. Gertatzen dena da, hasierako balore horietan, derrape bat ematen hasi zela. Adibidez, polimiliek politikarien aurka egin zituzten ekintzak guk ere egin genituen –gure artean oso gaizki baloratuak–. Horiek gure ahultasuna estaltzeko modua izan zen, oraindik indarra genuela itxura emateko, aurrera jarraitzeko. Harrezkero, politikariak helburu bihurtu ziren, politikariek errepresioaren ardura ere zutelakoan. Horiek ez ziren inoiz helburu izan, baina derrape hori eman zen. Jomugak zabaldu ziren, politikariez gain, kazetariak, epaileak… Baina hori ez zen erakundearen azterketa politikoaren ez militarraren ondorio izan, aitzitik, aurrera jarraitzeko halabeharrez sortzen den mentalitate baten ondorioa izan zen. Hau da, iraganeko ekintzak egiteko ahalmena galduz joan zen, eta mentalitate hori zabalduz berriz. Mentalitate horrek justifikatu du lehenago justifikatzerik ezinezkoa zena. Baina are larriagoa da, mentalitate hori ezker abertzalearen inguruan zabaldu eta justifikatu delako. Beranduago, prentsan Oldartzen ponentziako "sufrimenduaren sozializazioa ezartzea" irakurtzean pentsatu nuen, "ez da posible, ezin dut sinetsi horrela pentsa daitekeenik".
Politikoki kritikoa zara, baina etikari buruzko gogoeta ere egin duzu.
Bai. Gure helburu politikoak lortzeko funtsezkoak ziren balore batzuk hankaz gora jarri genituelako. Ni zigor heriotzaren aurka egon naiz beti, baina guk aplikatu dugu. Galdera da: gaur egun zer hausnarketa egiten dugu horri buruz? Gaurko belaunaldiei ez zaie adierazi behar "borroka armatua bai edo ez". Aldiz, horretan aritu garenok, jarduera horretan sortzen diren kontraesanez eta mentalitateaz hitz egin behar diegu.
Batzuentzat hori egindakoaz damutzea da. Traidorea izatera pasatzen zara.
Nik ez dut behin ere damu hitza erabili nire buruaz hitz egitean. Nik autokritika hitza erabiltzen dut.
Zer da autokritika egitea?
Erakundean sartu nintzen, bizi nintzen giro eta baloreetan, borroka armatua zilegi zela pentsatzen nuen. Konprometitu nintzen, bereziki "eskakeatu" ezin nuelako. Euskal Herriaren kausaren alde egon eta burua ezkutatzea imajinaezina zen niretzat: "Egin behar bada, nik ere prest egon behar dut". Egun atzera begiratu eta egin dugunaz ikuspegi kritikoa landu behar dugu, baita nola egin dugun aztertu ere. Ardura hori gure baloreetan sartzen da, etorkizunari begira funtsezkoa. Hori da autokritika egitea.
Guk onartu ditugu legalki ziren aukerak, ez ditugu Gobernuak ezarritako baldintza guztiak onartu. Sortuk bere estatutuak onartuak izateko legedi osoa onartu zuen, alderdi politikoen lege osoa
"ETAtik irteteko ausartago behar da izan ETAn sartzeko baino", esan zuen Carmen Gisasolak ARGIAko orri hauetan.
Bai. Duela hogei urte borroka armatua bukatu behar zela erakunde barruan edo kartzelan esatea oso zaila zen. Baina bi aukera dituzu: isiltzen zara ala pentsatzen duzunarekin koherentea izateko hausnarketa egiten duzu. Gu barruan ginela, ez bakarrik borroka armatua bukatu behar zela, oso kontzienteak ginen bide legaletatik egitea inportantea zela, adibidez, irteteko permisoak eskatzea. Kolektiboak ezetz zioen: "Nola bueltatuko zara kartzelara, atera ondoren?". Zergatik ez? Irlandan ateratzen ziren normaltasunez. Gabonetan, adibidez. Inposatuta egon den mentalitateak geldiarazi du bide hori.
Gaizki ulertutako altruismoa egon da, agian?
Gure borrokaren erradikaltasuna oso artifiziala izan da. Bizia galtzen ahal genuela kontzienteak ginen, baina "dena emateko prest nago" delakoa ez da egia. Kausa baten aldeko militante bihurtu ginen, eta ahal genuena eman genuen ere, baina hemen ez da inor bizia emateko gertu izan. Hemen egon da, adibidez, Itziarren semea kantak dioena: "Itziarren semeak ez du lagunik salatzen...". Hau da, tinko mantentzen da etsaien aurrean. Baina errealitatea bestelako izan da. Torturaren aurrean zaila da inor ez salatzea. Mitifikazio izugarria izan da, errealitateak beste zerbait erakutsi digu.
Espainiak euskal presoei ezarritako "salbuespeneko espetxe legedia" aztertu du Iñigo Iruin abokatuak. 7/2003 legeari borroka juridiko bat planteatzea proposatu du. Konfrontazioa arlo juridikoan beharrezkoa dela dio. EPPK-k erabaki behar du.
Legearen interpretaziorik zorrotzena egin du Iruinek. Hau da, egoera edo parametro politiko honetan ezin da urratsik eman, lege hori aldatu behar da edo juridikoki jorratu behar da legea aldatzeko. Baina, bien bitartean badago aukera hainbat preso ateratzeko. 2003ko lege aldaketen aurreko preso asko dago zigortuta eta aukerak daude bide legaletik urratsak emateko. Interpretazio txarrena eginez gero, ematen du ez dagoela biderik. Estatuko sektore batzuek planteatzen duten irakurketa da, txarrena. Bitxia da ezker abertzaleak ere hori egitea. Irunek orain planteatu duena guk aspaldi egin genuen: permisoak eskatzea. Langraizen presoak 3. graduan atera dira baldintzapean. Guri esaten digute bidea hilda dagoela eta haiek hori bera hasiko dira orain urratzen. Adibidez, Frantziako zigorra Espainian kontutan hartzea, guk Auzitegi Gorenera eramandako helegitearen ondoren lortu zen. 2008tik lege hori martxan baldin bazegoen, zergatik 2013 arte ez zen ezer egin? Zergatik ez zen landu bide juridikoa alderdi sozialista Espainiako Gobernuan zegoenean?
"Guk legea baliatuko dugu, baina ez Langraizekoen baldintzetan", esan dezakete.
Guk onartu ditugu legalki ziren aukerak, ez ditugu Gobernuak ezarritako baldintza guztiak onartu. Sortuk bere estatutuak onartuak izateko legedi osoa onartu zuen, alderdi politikoen lege osoa. Sorturen legalizazioa txostenean, 2011n, "ETA deslegitimatzeko agente aktiboak direla", idatzita dago. Ez bakarrik ETA, honen militanteak ere bai. ETAren ekintzak terroristak direla dio zehazki txostenak. Hori guztia garai batean bere parametroetan jarriz gero, egun preso asko etxean egongo zen.
Sektore batek, ATA izenekoak, amnistia aldarrikatzen du.
Horiek diote Sortukoak traidoreak direla, legalitate osoa irentsi dutelako, finean, hauek kartzelan ez egoteko. Nik ez diot aparteko garrantzirik ematen. Noski, kartzelan sartu diren azken militanteek egoera oso txarra daukate. 2003ko lege berriarekin 40 urteko zigorra bete behar dute. Espetxeko onurak onartuta ere, batzuek 32 urte bete behar dituzte, eta hori legalki aldatzea oso zaila da. Gaur egun amnistia aldarrikatzea eramandako borroka balore bat bezala aldarrikatzea da. Eta, tamalez, tokiz kanpo dago. Amnistia ez da emango termino legaletan, gizartea ez dago dinamika horretan. Egun, zentzuzkoena, gertatutakoaz autokritika egitea da eta ETA lehenbailehen desagertzea. Erakundea presoentzat eta politika normalizatua egiteko zama besterik ez da. Batzuek "guk ez dugu zalantzarik egin dugunaz, ez dugu ezer baloratu behar", diote. Hori al da gizarteari egiten diozun ekarpena? Adibidez, Yoyesena ez duzu auzitan jarriko?
Hil zutenean ETAn zinen.
Erakundean nengoen, banekien gerta zitekeela. Nik ez nuen halakorik nahi. Nik garbi neukan bere hautu pertsonala zela, eta aukera zeukala itzultzeko legalki, bere eskubidea zela. Ez bakarrik bere kasuan, aurretik izan ziren beste kasuetan ere ados nengoen, eztabaidatu nuen, baina alferrik. Yoyesena kolpe latza izan zen. Dena den, ETAn ez da dena zuri eta beltza izan.
ETA lurperatu gabeko hilotza da, eta ez dakite nola enterratu. Hori egiten ez den bitartean, presoentzat ETA zama da
Eusko Jaurlaritzak espetxeko onurei buruzko gutuna igorri die presoei? Preso gehiago sartuko al da zuen bidean?
Proposamenak ondo daude, baina EPPK kontra jartzen da. Kolektiboak zer proposatzen du ordea? Bada, praktikan zigor osoa betetzea. Orain dela bi urte Kolektiboak bide legala urratuko zuela esan zuen. Iruinek orain proposatu duena proposatu arren, denbora aurrera doa eta ezer egin gabe jarraitzen da. Duela 5 urte, aldiz, Sortuk legalitate osoa onartu zuen. Hori kontraesan izugarria da. Langraiz bidea, berriz, hilda dagoela diote. Non dago euren bidea? Besteek egiten dituzten proposamenak eta urratsak beti gutxiestean. Zer proposatzen diete presoen senideei?
ETAren desagerpena aipatu duzu, baina lehenago erakundearen desarmea izan behar dela argudiatzen da. Aurrerapausoak ematea ez da erraza, antza.
Bai, alde batetik, diotenez: "ETAk ezin du desagertu presoak kartzelan dauden bitartean". Horrek ez du zentzu handirik. Egun ETAren izenean gelditzen diren gutxi batzuek ez dute ordezkatzen ETA iraganean izan dena. Gaur egun Sortun dauden ETAko hainbat militante ohik ordezkatzen dute ETA izan zena eta horiek kudeatzen dute presoen egoera. Desarmea eman edo ez eman, ETA amortizatuta dago. ETA desarmatu ondoren ez da ezer aldatuko. Desagertu dela esango balu, urratsa sinbolikoa litzateke. ETAk ez du ekarpen politikorik egingo. Hau bukatuta dago. ETA lurperatu gabeko hilotza da, eta ez dakite nola enterratu. Hori egiten ez den bitartean, presoentzat ETA zama da. Legalitatean urratsak emateko, ETAko edo Kolektiboko kide izatetik urrundu behar duzu, baina erabaki horietatik kanpo geratzea zaila da preso denarentzat. Presoak ez dauka non kokatzerik. Aldiz, erakundea desagertzen bada, hausnarketa kritikoa egin ondoren, ezker abertzaleak ere berea egiten badu, presoak ere parametro berri horietan bere bidea egin dezake, hasteko hobeto paratuko da. Hori gertatu ondoren, preso direnek eta izandakoek egin dezakegun ekarpen erreala elkarbizitzaren aldeko lana da. Horrek normalizazio politikoa ekarriko du herrian. Giro horrek lagunduko du plano juridikoan urte askotarako zigorra duten presoen egoera bideratzen eta hobetzen. Ez dago beste irtenbiderik. | news |
argia-f0d69bdce61d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/europako-hizkuntza-gutxiagotuak.html | Ez begiratu ingelesari, errua estatu hizkuntzena da | Onintza Irureta Azkune | 2016-07-10 00:00:00 | Ez begiratu ingelesari, errua estatu hizkuntzena da
Ekainak 23. Hitzargiak topaketak egin dira Hernanin. Europako hamabost hizkuntzatako ordezkariak bildu eta hamahiru mahai-ingurutan entzule eta partaide izan dira. Bi egunetako jarduna kokatzeko lana Xavier Vilak hartu du. Soziolinguista eta Donostia 2016k gidatutako Hitzargiak egitasmoko batzorde zientifikoko kidea da. Europako hizkuntza aniztasunaz aritu da. Ez du zalantzan jarri hizkuntzak desagertzen ari direnik, baina hizkuntza gutxiagotuak hainbat arrazoirengatik balioa irabazten ari direla azpimarratu du. Bere hitzaldiaren ideia nagusiak bildu ditugu ondoren.
1. eta 2. iraultza ekolinguistikoak
"Lehen iraultzatzat jotzen da irudizko lengoaien sorrera. Haiei esker ezagutza askoz errazago gogoratu zitekeen. Bigarren iraultza K. a. 3.300 urtean gertatu zen; idazketa sortu zen. Lehen aldiz entzundakoa ikusten dugu, eta esaten duguna idazten dugunarekin lotuta dagoela ikasten hasten gara. Eta idazten duguna esaten duguna baino hobea balitz bezala hartzen hasten gara. Era berean, ahozkoa idatzira murriztu genuen.
3. iraultza Aro Modernoan: batzuk besteak baino hobeak
Lehen estatu nazional modernoak finkatzen dira, absolutismoari oso lotuta.Kodetze linguistiko olatua ematen da. Hirugarren iraultzan estatu hizkuntzak ezartzen dira, estatuak hasi dira ofizialtasun kontzeptua definitzen, nahiz eta terminoa ez duten erabiltzen. Alabaina, gero eta estatu gehiago daude eta gero eta gehiago erabiltzen dute hizkuntza zehatz bat. Mundu protestantean bereziki gero eta gehiago irakurtzen eta idazten da, eta horrek homogeneizazioa dakar. Hizkuntza batzuk ez dira hiltzen, baina ez dira idazten, behe-alemanera adibidez. Hizkuntza gutxiagotuen hasiera da. Europa guztian gertatzen da, Frisian, Norvegian, Espainiar Inperioan, Italian... Hizkuntza batzuk askoz hobeak direla sinesten hasten dira, eta hizkuntza arruntak, horixe, arruntak direla.
4. iraultza: estatu hizkuntzak ezinbesteko bihurtu ziren
XIX. mendea da. Estatu nazionalak garatzen dira. Subiranotasun nazionalaren ideia zabaltzen da. Lehen, subiranotasuna erregeak bazuen XIX. mendetik aurrera herriak izango du. Nazioa parte-hartze publikorako aukera duten herritarrek osatuko dute. Horrek herritarrak nazionalizatzea ekarriko du, nazioaren parte izan daitezen saiatzea, haiek nahi ala ez.
Hizkuntzaz ari garela, Europa orain baino askoz anitzagoa zen. Orain guk [hizkuntza adituek] lantzen ditugun hizkuntza asko bizirik zeuden, eremu ofizialetan salbu. XX. mendean 'estatu bat hizkuntza bat' ideia finkatzen da, hizkuntza nazionalak nahikoa izan behar du eguneroko erabilera guztietarako. Horrek bertako hizkuntzak desagerraraztea ekarriko du. Emaitza horretara bi bidetatik iristen dira. Bide frantsesa edo jakobinoa estatuko mugetan aniztasuna ezabatzen saiatzen zen. Austria-Hungariako bidean txekiarrak, eslovakiarrak, esloveniarrak, veneziarrak, kroaziarrak... daude. Orain estatu-nazio bateko biztanleak izango zarete, alemanez edo hungarieraz edo... egin behar duzue. Bada, alemana edo hungariera aukeratu beharrean haien hizkuntza hitz egiten zen lurretara aldatu ziren biztanleak. Estatu bat zuten haien hizkuntzan. Hirugarren bidea ere egon zen, bide suitzarra. Oso herrialde gutxik jarraitu zuten, Finlandiak eta Belgikak neurri batean. Emaitza bera izan zen, estatuek hizkuntza nazionala nahikoa zela pentsatu zuten. Hizkuntza nazionalen eta gutxiagotuen arteko tartea areagotu zuen horrek. Gutxiagotuak diot zeren bertakoak gutxiagotu bihurtu ziren estatuen jokaeren ondorioz. Espainia zein bide aukeratu pentsatzen ari zen. Ikuspegi juridikotik esanda, ez zeukan indarrik horietako ezer ezartzeko.
5. iraultza: estatu hizkuntzen gaindi
Gutxi gorabehera hor bizi gara. Estatu nazionalen ordena pitzatzen duten arrazoiak hainbat dira. Agerikoa da mundu hau elkartuago dagoela ekonomikoki orain dela 30 urte baino; agerikoa da ez gaudela bi bloketan banatuta, orain potentzia ekonomiko handi batzuen nolabaiteko multipolaritatea daukagu, eta potentzia berriak ere agertzen ari dira; agerikoa da jendearen mugikortasuna orain askoz handiagoa dela duela 30 urte baino. Ekonomia postindustrial horretan, ekonomiaren zati garrantzitsu bat informazioan oinarritzen da eta informazioa hizkuntzetan kodetzen da.
5. iraultzaren ondorioak
Hizkuntzak desagertzen ari dira. Baina, izan gaitezen zintzoak, hizkuntza gehienak ez dira ari desagertzen azken iraultzagatik, bigarren, hirugarren eta laugarren iraultzengatik baizik. Munduko hizkuntza gehienak ez dira ordezkatzen mundu mailako hizkuntzekin, estatu hizkuntzekin baizik. Papua Ginea Berrian hizkuntzak desagertzen ari dira, baina jendea ez da ari ingeles estandarra bereganatzen, baizik eta tok pisin [Papuako hizkuntza ofiziala]. Beraz, ez da guztiz bidezkoa iraultza honi egoztea hizkuntzen desagertzea. Askoz zuzenagoa da esatea aniztasunak gora egin duela jendearen mugikortasunagatik. Hemen daukazue Municheko dentista bat iragartzen duen panela [iragarkia sei bat hizkuntzatan dago].
Nazioarteko hizkuntza bat baino gehiago ikasten ari gara. Estatu-nazioek, eremu batzuetan behintzat, kontrola ezartzeko gaitasun gutxiago dute. Nahi ala ez nahi, AEBk dute hegemonia. Horrek eraman gaitu ingelesa luze-zabal ikastera, baina nazioarteko beste hizkuntza batzuk eremua irabazten ari dira. Kontinente amerikarra gaztelania hiztunak irabazten ari da, alemana hiztunak irabazten ari da, txinera ere kanpaina egiten ari da Txinan bertan, eta nazioarteko hizkuntza bezala ere bai.
Hizkuntza gaitasunak merkantilizatu ditugu. Zein hizkuntza dakizun, bizimodua ateratzeko balioko dizu ala ez. Taxi gidari bazara hizkuntzak jakiteak lan aukera gehiago eskainiko dizu. Turismoa da adibide nabarmena, baina ez da bakarra, teknologia ere hor dago. Baita erlijioa ere. Aitortza egingo diozun apaizak ere zein hizkuntza dakizkien esango dizu [Alemaniako adibidea hori ere].
Elebitasuna ez da jada anomalia. Elebitasuna eta eleaniztasuna zer diren kokatzera eraman gaitu aurrez esandakoak. Orain dela 50 urte ez ziren erabiltzen bi kontzeptuok, elebitasuna hainbat eremutan iraina zen ia: 'Ez da zientzia, ez dago, anomalia da', esaten zen akademian. Gaur egun, Donostiako kaleetan afixak irakurriko dituzu: 'Ikasi ingelesa eta izan zaitez elebidun!'. Positiboan esaten da, guay edo cool dela esateraino.
Elebakartasun militantearen atzerakada. Orain dela hamarkada gutxi arte, intelektualak gai ziren elebakartasuna gizakientzako egoera ideal bezala azaltzeko, eta beraz, elebakarrak ez zirenek trantsizioa egin behar zuten egoera elebakar zoriontsura iristeko, estatu-nazioko hizkuntzan. Aldatzen ari da. Ez dugu esango guztiz eta toki guztietan aldatu denik eta arkadia zoriontsuan gaudenik, baina aldaketaren sintomak Europa osoan ikusten dira. Adibidez, Frantzian ez dira ausartzen hizkuntzen aldeko mugimenduak debekatzen eta diruz laguntzera ere iritsi dira. 1950ean hizkuntzok patois zikinak zirela esango zuten". | news |
argia-ce15568cc92b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/wendy-guerra-kuban-bizi-den-idazle-erbesteratua.html | "Nahiago dut libururik ez publikatu, politikarekin paktatu baino" | Oier Aranzabal | 2016-07-10 00:00:00 | "Nahiago dut libururik ez publikatu, politikarekin paktatu baino"
Amarengandik jaso zuen literaturarekiko zaletasuna Wendy Guerra (La Habana, 1970) idazle eta poeta kubatarrak; gazte-gazterik idatzi zituen lehen lerroak. Kuban bere liburu bat baino ez da argitaratu: Posar desnuda en la Habana (2010, Alfaguara), eta erruz da zaila berak idatzitako ezer irlan topatzea. Sakona da atzerrian duen sonaren eta bere aberrian duen anonimotasunaren arteko arrakala. Eszeptizismo bezainbeste ilusioz hitz egiten du etorkizunaz.
Zure eleberri bat aurkitzen saiatu gara Habanako liburu-dendetan. Baina ez dugu deus aurkitu.
Ez dakit ba. Nik ezin izan dut asmatu zergatik den hala, akaso zuk lortuko duzu. Ni ez naiz existitzen. Ikusezin egin naute. Baina interesgarria deritzot, umiltasun ariketa baita. Erretiro espirituala egiten nabil nire sorterrian bertan. Nahiago dut libururik ez publikatu, politikarekin paktatu beharra baino. Ez Fidelekin, ez Raúlekin, ez beste ezein gobernurekin.
Zer eman eta kendu dizu iraultzak?
Jaiotzatik iraultza baino ez dagoen herrialde batean, dena eman dizu eta ezer ez era berean. Horixe da erantzuna. Daukazun eta ez daukazun oro mundu horren parte da. Iraultza izan da geure mundua.
Silvio Rodríguez abeslaria lagun duzu, desadostasun politikotik lagun.
Elkar ulertu eta adostu nahi duten lagunek eztabaida interesgarri eta argiak izaten dituzte. Denok galdu ditugu lagunak, eztabaidatzeko borondaterik gabe, alde batean ala bestean kokatu izanagatik. Silvio, esaterako, gizon argia da eta nahiz eta ados ez gauden ideia askotan, bat egiten dugu humanitatearen eta bertutearen oinarrizko planoan. Elkar ulertzen dugu.
Kuba aldatzen ari dela irakurtzen da prentsan, bertako jende askok kontrakoa dio ordea.
Gauzak aldatzen ari dira. Jendea aberriratzen ari da, etxera itzultzen. Nik neuk apartamentu hau erosi eta atondu ahal izan dut lanean irabazi dudan diruarekin. Hori 70eko hamarkadan pentsaezina zatekeen. Gauzak aldatzen ari dira. Jendeak kanpora atera ditzake seme-alabak, baita bidaiatu ere. Kuba aldatzen ari da, bai.
Jende asko joan da, baina beste askok Kuban geratu nahiago izan duzue.
Egiazki hamaika milioi pertsonak egin du Kuban geratzeko hautua. Eta horietarik milioi batzuek, alde egiteko gogoa izan arren, ezin izan dute alde egin. Bada, aldiz, beste hainbat jende, beren gurasoengana itzuli nahi lukeena, beren etxean mango bat jatera. Irla barruan bere bizitza berregin nahi duen jendea. Denetarik dago, badakizu? Besteren izenean hitz egitea konplikatua da.
Disidentetzat duzu zeure burua?
Ez, ez. Tira, txikitatik ez naiz ados izan irakasleekin, ezta familiarekin ere, nire eleberrietan kontatzen dudan legez. Baina ez daukat rol politiko bat, zeharo neofitoa bainaiz politikan. Alde guztietako politikaren biktima sentitu naiz. Eta ez dakit dena aldatzen denean, aldatzen bada, ados egongo ote naizen datorrenarekin. Idazten duen emakume bat naiz, 1940an biziko balitz ere idatziko zukeen emakumea. Hain karga politiko handirik gabeko herri batean jaio izana gustatuko litzaidake, aldiz jaio naizen leku honetan politika alde guztietan arnastu daiteke.
Domingos de Revolución eleberriak, kaleratu duzun azkenak, zentsurapean bizi den idazle baten istorioa kontatzen du. Autofikzio gordina zurea?
Cleok, protagonistak, nire antz handia du, baina baita Luisa María Loinazena edo nire amarena ere. Bakarrik eta isolatuta, publikatzeko aukerarik gabe egon diren milaka emakumeren ahotsa du Cleok. Nire liburua, Kuban zentsura editoriala martxan jarri zenetik jaiotako emakume idazle askoren hilotz ezin hobea da.
Amari zenbat zor diozu?
Ama nire barruan dago. Nirekin bizi den pertsona bat da. Biok elkarrekin ikusi gintuztenek oso ondo dakite zertaz ari naizen. Elkarren oso ezberdinak ginen. Bera emakume solidoa eta ni ertzetatik gainezka egiten duen neskatxa. Hil zenean, apnea ariketa bat egin nuen; arnasa hartu eta igerilekuaren hondoraino egin nuen igeri, gero mantso ur azalera itzultzeko. Amak memoria galdu zuen, ez zen nitaz oroitzen, baina Fidelekin solasean aritzen zen. Fidel telebistan irteten zenean, bera gogoratzen zuen. Ni, aldiz ez. Ez dut amak zuen engaiamendua, baina telesailaren amaierara arte geratzekoa da nire konpromisoa.
Iraultzaren aldekoa zen ama?
Bai! Oso aldekoa! Fidel ikaragarri miresten zuen. Nerabe zela AEBetan ikasteko beka lortu arren, hemen geratzea erabaki zuen, utopiari segitzeko, gure guraso askok egin bezalaxe. Azkenean desadostasunean jausi zen, maitasunetik. Dezepzionatuta sentitu ziren bere belaunaldiko artista eta intelektual asko. Batzuek alde egin zuten eta ama Kuban geratu zen. Ilusioa galdu zuten, aienatuta, ezin baitzuten ez alde ez aurka egon. Sinisten ez zutena ezin baitzuten babestu, eta era berean ezin baitzuten alde egin, ez eta hura abandonatu ere.
Zer esan nahi du Obamaren bisitak Kubarentzat?
Inoiz iritsi behar ez zen etsaiaren zain geunden kubatarrok. Familia deseginda dagoen herri batera, seme-alabekin, amaginarrebarekin eta emaztearekin etorri izana, ogro larderiatsuaren desmitifikazioa izan da. Inperialismoa iritsi da azkenik! Jimmy Carterren bisitarekin ezin da alderatu, aldi bakoitza ezberdina baita. Guri aldi hau bizitzea tokatu zaigu. | news |
argia-d864d20490f8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/ohorea-itzala.html | Ohorea, itzala | Jakoba Errekondo | 2016-07-10 00:00:00 | Ohorea, itzala
Uda iritsi da: zapla, muturrean! Hogeita hamar gradu erreetatik gora ibilita, kiskali gaitu. Baita itzaletan harrapatu duena ere. Bero saparen haize sargoriak itzala ere txigortzen du. Ohore handiena duen zuhaitzaren itzala izanagatik ere, erre!
Izan erre, nork ez du zuhaitzaren itzala maite? Maiz, zuhaitza bera baino gehiago estimatzen dugu bere itzala. Noiznahi epaitu, moztu eta merke asko emango genuke zuhaitza, baina sanferminetako eguzki lamatan bere itzal muttur hori garesti asko ordainduko...
Zuhaitzen balioaren berri ez dugulako. Hutsaren hurrengoa zaizkigulako... erromantiko, bukoliko eta mainontzi gaudenean izan ezik. Basoan, mendian, erreka bazterrean... Hor kikiltzen gara zuhaitzak nor badirela aitortzeraino. Kale kantoian, etxe aldamenean, espaloi arteko txokoan aitortza hori nekezagoa zaigu.
Bada, Doug Kelbaugh arkitekto laudatuak, AEBetako etxeek dirutan duten balioaren kalkuluan zuhaitzek nolako eragina duten aztertu du. Eta emaitza aizkorakada latza da zuhaitzak gutxiesten dituztenentzat: zuhaitz batek etxearen balioari 6.300 euro eransten dizkio. Eta, deskuiduan, etxea zuhaitz ilaraz jantzitako kale batean badago, 20.000 euro gehiago balio du. Zuhaitzen ohorea eta itzala. | news |
argia-7502ef8ed13b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/cameron-erretiratuta-corbyn-etxekoek-asesinaturik-nork-gidatuko-du-britainiarren-trantsizioa.html | Cameron erretiratuta, Corbyn etxekoek asesinaturik... nork gidatuko du britainiarren trantsizioa? | Pello Zubiria Kamino | 2016-07-10 00:00:00 | Cameron erretiratuta, Corbyn etxekoek asesinaturik... nork gidatuko du britainiarren trantsizioa?
Britainia Handiko politikarien eremuan eskuinetik bultzatu bazen Europar Batasunetik irteteko erreferenduma, emaitzak lehenbiziko matxura larriak ezkerrean eragin ditu. Alderdi Laboristaren kide neoliberalenek, Tony Blair eta Gordon Brownen ildoan hautatutako parlamentariak buru, estatu kolpea antolatu zioten biharamunean bertan Jeremy Corbyni, azken kongresuan botoen %60rekin irabazi zuen lider zahar bezain berriari.
Aurrez ondo prestatutako partitura joaz bezala, Corbynen itzaleko gobernuko –oposizioak horrela funtzionatzen du Londresen– kideen erdiak baino gehiagok banan bana eman zioten dimisioa, errenuntziazko gutun gordinak Interneten eskegiz, eta ondoren parlamentari laboristek konfiantzazko bozkaketa ezarri liderrari. Ordainetan, zientoka militante laborista mobilizatu ziren 2015eko kongresuan lidergoa alderdiko aparatuaren kontra irabazi zuen Corbynen alde.
Michael Chessumek idatzi du The New Statesmanen: "Corbynek petto bakarra egin du: estuago lotu behar zuen Alderdi Laborista. (…) Brexita geldiarazteko argudio bakarra zen austeritatea eta neoliberalismoa direla benetan ekarri dituztenak etxerik eza, soldaten jaitsiera eta zerbitzu publikoen hondatzea, ez dela etorkin errumaniarren eta bulgariarren kontua. Corbynen akats nagusia izan da hasieratik zorrotzago ez hartu izana Alderdi Laboristaren kanpainaren kontrola eskuetan, nahiz eta hori egin izan balu ere berdin aurpegiratuko zioten".
Horiek, ordea, lurrikararen bezperako kontuak dira. Jeremy Corbyn ezin da honetatik bizirik irten, Alderdi Laboristaren zati handi bat mobilizatuta ere. Notable gehienek alde egin diote –Thomas Pikketyk berak ere bai– edo tiroka ari zaizkio kargu publikoetatik. Alderdi Laboristari haize berria ekarri dion Corbynek adierazi du ez dela etxera joango lanak erdi bidean utzita. Baina ziurrenik orain oso bestelakoa da bukatu beharko duen lana: Alderdi Laborismoa egoera berrira egokitzeko trantsizioa –ez bada zatiketa historiko bat- kudeatzea.
Alderdi Kontserbadoreak berea kudeatu behar duen moduan: nork negoziatuko du eskuinetik EBrekiko estatus berria? Boris Johnsonek, boto emaile kontserbadore asko Leave bozkatzera gehien berotu zituenak, uko egin dio. Batzuek diotenez, badakielako inondik ezin dituela bete kanpainan esandako promesak, ezinezkoak edo besterik gabe gezur hutsak zirelako. Besteen ustean, operazioan kide zuen Michael Govek akabatu du hotzean, lehen ministrotarako aurrea harturik.
Eta erreferendumaren eguna urrundu ahala, gero eta nabarmenagoa da Britainia Handiko egitura politikoetan sentitzen den hutsunea, kontrolik eza. Gero eta kezka handiagoa herritarren artean, bi alderdi nagusietako buruak botere zatien inguruko borroka taktikoetan nahastuak eta lider garbi baten usainik ez. Trantsizioa gogorra izango da. | news |
argia-f7de39501f46 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/diskoa.html | Bi kantu zirraragarri | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2016-07-10 00:00:00 | Bi kantu zirraragarri
Bi kantu entzun daitezke Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak Madrilgo Acuarela diskoetxearekin kaleratu duen binilozko singlean. Biak oso onak, zirraragarriak.
Rock, folk, blues eta psikodelia aireak suma daitezke kantuetan, doinu iradokitzaileak. Moldaketak eta apainketak oso landuak eta oso ongi eginak daude. Ukituak, xehetasunak eta zarata txikiak nonahi ageri dira, baina denak beren tokian ongi kokatuak daude.
Irudipena kantua bizia eta indartsua da, erritmo zoro samarra du, eta doinu errepikakorrak dira bere ardatz nagusia. Udaberriko eguzki, berriz, lasaiagoa da, eta doinu ederrez eta gazi-gozoez osatua dago.
Irudipena kantuaren hitzak Xabier Gantzarainen testu batean oinarrituta daude ("Batere mundurik gabe ernatzen da egunero gizaki mundurik gabea, asmatu egin behar du egunero bizitzeko moduko mundu bat") eta Udaberriko eguzki kantuarenak Beñardo Goietxek idatzi ditu ("Udaberriko eguzki fereka gaitzazu, zainduta edo zaindu gabe, denok zorigaitz arrisku, gaitz galdu edo ezbehar batek utz gaitzake aditzeke ku-ku").
Joseba Irazoki (ahotsa eta gitarra), Felix Buff (bateria), Jaime Nieto (baxua), Ager Insunza (gitarra, pedalsteel-a eta biolina), Iban Urizar (klarinetea eta teklatuak) eta Ibai Gogortza (saxofoia) aritu dira grabazio saioetan Iñigo Irazoki eta Jon Agirrezabalaga teknikariekin; Jonan Ordorika masterizazioaz arduratu da, Nerea Serrano diseinuaz, eta Maddi Irazokik azaleko marrazkia egin du. Denen artean lana oso ongi burutu dute.
Joseba artista da, musikari eta musikagile aparta, eta bere lagunak musikari bikainak. Oso ongi sinkronizatutako orkestra txiki bat dira. Single bat plazaratu dute, lan laburra, baina oso polita. Atsegin handiz entzuten ari naiz. Egunotan jendaurreko emanaldietan aurkezten ari dira. Besteak beste, Gorlizen abuztuaren 4an joko dute eta Bilbon abuztuaren 24an. | news |
argia-8b60c7854184 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2515/ongi-etorri-munduko-industria-kutsatzaileenetako-batera-zinema.html | Ongi etorri munduko industria kutsatzaileenetako batera: zinema | Gaizka Izagirre | 2016-07-10 00:00:00 | Ongi etorri munduko industria kutsatzaileenetako batera: zinema
1922 urtean Robert Flaherty-k Nanook of the North dokumentala estreinatu zuenean, gizakia eta ingurune naturalen arteko erlazio zaila islatu zuen, zazpigarren arteari zinema etnografikoaren ateak irekiz. Geroztik, eta azken urteetan batik bat, ohikoak dira naturaren gaia eta batez ere, gizakiak ingurumen horri egindako kaltea tratatzen dituzten ikus-entzunezkoak. Baina, zenbaterainokoa da kontzientzia ekologikoa zineman?
Pantaila aurrean
Pixar faktoriaren Wall-e film zoragarrian bi robot protagonistez gain, zeharkako hirugarren pertsonaia bat loratzen dela ohartuko zineten: zaborra. Gizakiak sorturiko kutsadurak eta zakarrak lurrean bizitzea ezinezko bihurtu duenez, planeta utzi eta hasierako egoera berreskuratzeko intentzioz, garbiketa robot batailoi bat uzten dute. Erabili, bota eta beste norbaitek gure "arazoa" konpon dezan itxaron. Ez pentsa, aurkezpen komertzialak dioen bezala, "maitasun zibernetiko bati buruzko kontakizun" sinple bat denik. Zaila iruditzen zait "umeentzat" katalogatua dagoen film bat hau baino "helduagoa" izatea.
Askoz ere tratamendu zorrotzagoa erabiliz, logikoa den bezala, dokumental ugaritan ere ikusi dugu gaia: Agnès Vardak zuzenduriko Les glaneurs et la glaneuse dokumentalean adibidez, zabor artean bilatzea prozesu zehatz kontsideratzen duten talde bat ezagutu genuen. Vardak Frantziako hiri eta landa eremuetatik bidaiatu zuen, ikusten zuen guztia kamerarekin grabatzen, bilketa horretatik bizi ziren pertsonak ezagutzeko aukera eskainiz. 2009. urteko Plastic Planet dokumentalean aldiz, mende bat baino gutxiagoko bizitzarekin, unibertsala eta ezinbestekoa bihurtu den materialaren kalteak ezagutu genituen: plastikoa. 2012an, Jeremy Irons aktore ezaguna munduko hondakin guztien efektua eta garrantzia azaltzen saiatu zen Trashed lanean. Mundu osoan barrena bidaiatu zuen, toki zoragarri baina era berean kutsatuak erakutsiz. Eta agian ezagunetarikoa: 2007. urteko An Inconvenient Truth dokumentalean, berotze globalaren arriskuen eta horren eragile nagusien berri eman zuten. Klima aldaketarena egia deserosoa omen da zenbait agintarirentzat, hortik filmaren izenburua.
Momentuz oso urrunetik ukitu duen arren, pantaila txikiak ere jorratu du gai hau. Azken urteetan Europa iparraldeko telesailetan loratzen ari den fenomeno txiki bat izan liteke horren froga: eko-telesailak. Energia berriztagarriak ardatz dituen Bedrag telesail danimarkarra adibidez. Edo Okkupert norvegiarra, orain urte batzuk zientzia fikziozko gidoi bat izan zitekeena, baina geroz eta gertuago ikusten dugun errealitatea islatzen duena. Klima aldaketaren ondorioz eta baliabide natural eskasak direla eta, norvegiarrek petrolio eta gas gehiago ez produzitzea erabaki dute. Hori dela eta, Errusiak Norvegia inbaditzen duen gertuko etorkizun batean kokatzen gaitu istorioak. Ekintza honekin, herrialdeko ustiapen osoaren kontrola eskuratu nahi dute.
Eta azkenik, sinbolismoz jositako Jordskott telesailean, etengabe ikusten ditugu Suediako kokaleku naturaletako zuhaitzak, tramaren ezinbesteko elementu bihurtuta.
Pantaila atzean
Luze hitz egin daiteke pantaila aurrean ingurumenaren gaia nola tratatu den aztertu nahi izanez gero. Baina zer gertatzen da kamera atzean? Mundu osoan eta batez ere Hollywooden egunero izaten diren milaka errodajeetan sortzen den zaborra nola kudeatzen da? Jasangarriak al dira gaur egungo grabaketak? Ze tarte okupatzen du birziklapenak?
Efektu berezietarako sortzen diren eztandak, argiztapen ikaragarriak, eraikitzen diren dekoratu eta agertoki erraldoiak… Kaliforniako UCLA unibertsitateak 2006an argitaratutako ikerketa baten arabera, bertako ingurumenean Hollywoodeko zinema eta telebista industriek, hotel, ehungintza, automobil edo aeronautika sektoreek baino eragin kaltegarriagoa dute. Petrolio industriak soilik gainditzen ditu. Urteko 140.000 tona partikula kutsakor baino gehiago sortzen ditu eta Los Angeles hirian azaltzen den smogaren arduradunen artean daude ikus-entzunezko industriak.
Aurre eta postprodukzio faseak kontuan izan gabe, edozein errodajetako ohitura txarren Top-5 bat egin dugu:
1) Diesel argi instalazio bat behar izaten dute grabaketa set guztiak argiztatzeko. Egunean 18-20 ordu egon daiteke piztuta, astean 6 egun, 5-10 astez edo gehiago.
2) Kamioi eta furgoneta ugari erabiltzen da grabaketa ekipo guztia garraiatzeko baita errodaje batean lanean dabiltzan ehunka pertsonak ere.
3) Cateringetan plastikozko ehunka edalontzi eta plater erabiltzen dira. Ur botila ugari botatzen dituzte eta horrekin batera, alferrik galtzen den ura, jendeak ez duelako errodaje guztian botila gainean alde batetik bestera ibili nahi.
4) Arte alorrean erabiltzen den material gehiena bota egiten da. Apenas dagoen berrerabilpenaren kulturarik.
5) Aro digitalean gauden arren, eta kalte hau pixkanaka murrizten ari den arren, egunero hainbat paper pakete erabiltzen da oraindik, gidoi edo sekuentzia konkretuen testuak inprimatzeko.
Adibide jasangarriak
Talde ugari mobilizatu da azken urteotan konpromiso ekologista baten alde. AEBetako elkarte zinematografikoak bultzaturiko jardunbide egokien gida edo Hollywood Goes Green ekimena sortu dira, adibidez, estudioek ingurumenarekin modu arduratsuan lan egiteko konpromisoa sendotu dezaten: hondakin guztien %65 birziklatzea, erregaiak biodieselarekin ordezkatzea, kontsumo baxuko bonbillak erabiltzea, mezu elektronikoak paperezkoengatik ordezkatzea, paper birziklatua ahalik eta gehien erabiltzea, zinema izarren hegazkin pribatuak kendu eta hegaldi konbentzionalak lehenestea, set guztiak material birziklatuekin eraikitzea…
Baina ahalegin horrez gain, benetako konpromisoa sustatu beharko lukete eta adostasun orokor bat lortu. Are gehiago mezu ekologikoa duten filmek. 2004. urteko The Day After Tomorrow ekin egin zuten bezala adibidez: gehiegizko gertaera katastrofiko bat irudikatu zuten, berotze globalak lurra glaziazio egoerara bultzatuko zuela erakutsiz; eta ia 700 milioi dolarreko irabaziak izan ondoren, ekoizleek 200 milioi inguru zuhaitzak landatzeko eta beste hainbat ekintza jasangarri bultzatzeko erabili zituzten. Hori bai, errodajean sorturiko 10.000 tona karbono dioxidok eragin zituen kalteak euren kontzientzian sorturiko zurrunbiloa baretzeko neurria baino ez zen izan. Ez da horrelako zalaparta eta handikeriarik behar, txikitik eta egunerokotasunetik egin beharreko aldaketak baizik.
Askoz interesgarriagoa da 2009an Sam Mendesek zuzendu zuen Away We Go filmaren filosofia. Bizi diren herria abandonatu eta haurrarentzat leku egoki baten bila joko duen bikote baten istorioa kontatzeko asmoz errodatu zuten filma. Baina batez ere, zinema ekologikoki jasangarria eta arduratsua egin daitekeela frogatzeko. Esfortzua nahiko handia izan zen, ia mende batez zinema modu bakarrean egin baita: kutsatzen. Green Media Solutions aholkulari taldearekin batera, argiztapen guztiarentzat biodiesela erabili zuten; lan-taldea eta material guztia alde batetik bestera mugitzeko kotxe hibridoak eta bizikletak; plastikozko botilak guztiz debekatuta zeuden, aluminiozko termo berrerabilgarriak erabili zituzten horien ordez; ontziteria guztia biodegradagarria zen; dekoratuek sorturiko hondakinen %51 berrerabili eta gainerako %49 birziklatu zuten; eta materia organiko gehiena konposta egiteko erabili zuten.
Beste ekoizpen batzuetan ere esfortzu txikiak antzematen dira: HBOren Boardwalk empire telesail bikainean, adibidez, jantzi guztiak bigarren eskukoak dira eta ibilgailu guztien herena hibridoak. Meryl Streep protagonista zuen It's Complicated filmean sobratu zen fruta eta janari guztia banatu egin zuten. Matrix errodatzen amaitu zutenean dekoratu guztiari bigarren erabilpena bilatu zioten: Mexikon bizi ziren errekurtsorik gabeko familientzat etxeak eraikitzeko erabili zituzten.
Argi dago zinema arma izan daitekeela, bozgorailua, lupa, klase sozial desberdinetako pertsonen hausnarketa bultza dezakeen komunikabide oso eraginkorra. Adibide hauek ordea, salbuespena dira eta ez araua. Tamalez, oraindik, zinemaren industria munduko kutsatzaileenetakoa dela esan behar dugu. | news |
argia-45cad18b6c64 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/suzanne-romaine.html | "Munduko hizkuntzen %90 ez dago eskoletan" | Onintza Irureta Azkune | 2017-01-01 00:00:00 | "Munduko hizkuntzen %90 ez dago eskoletan"
Suzanne Romaine estatubatuar hizkuntzalariak haur orok bere hizkuntzan ikastea aldarrikatzen du. Milioika haur ulertzen ez duten hizkuntzan eskolatzen direla salatu du, eta hortaz eskolako ateak ixten zaizkiela. Hezkuntzarik gabe, bizitzan aurrera egiteko aukera gutxi. Europako hizkuntza aniztasunaren foroan hitzaldia eman zuen abenduaren 15ean, Donostian. Bi eguneko foroa Donostia 2016ren eta UNESCO Etxearen artean antolatu zuten. Hitzaldiaren ondoren elkarrizketa egin genion hizkuntzalariari.
Zuk esana da ez dagoela garapenik hizkuntza aniztasunik gabe.
Ez da horrela zehazki. Ez dago egiazko garapenik hizkuntzen garapenik gabe.
Eta zer da egiazko garapena?
Ahalduntzen duen garapena. Jendea ez da kanpotik datorren laguntzaren jasotzaile pasiboa, jendeak bere garapenean parte hartzen du, herritarrek laguntza ematen dietenekin eztabaidatu dezakete. Adibide bat emango dizut: nazioarteko garapen agentzia gehienek eta gobernuz kanpoko erakundeek ez dituzte bertako hizkuntzak ikasten. Herriko jendearekin elkartzen saiatzen dira, baina nazioarteko hizkuntzak hitz egiten dituztenekin baino ez dira komunikatzen. Afrikako herrialdeez ari bagara, gehienetan gizonekin, elkartzen dira. Haien hizkuntza hitz egiten ez badute nola elkartuko dira emakume pobreekin, bost ume dituzten emakumeekin, zeinak mikrokreditu bat nahi duen Indian edo Afrikan? Emakume horrek nola komunikatu dezake zer nahi duen? Hori esan nahi nuen egiazko garapena aipatuta. Jendeak bere egoeraz eztabaidatu dezake kanpotarrekin ama hizkuntzan, ez itzulpenaren bidez.
Zuk uste duzu benetan kontuan hartzen dituztela gobernuz kanpoko erakundeek hizkuntza gutxiagotuak?
Nik uste dut batzuek asmo onak dituztela, baina ez dute ulertzen munduko hizkuntzen egoera. Haitiko lurrikara da adibidea. Ofizialki frantsesez egiten dute herritarrek, baina jendearen %90ak ez du hitz egiten frantsesez. Horrelako hondamendietan gehien jasaten dutenak beti dira pobreen artean pobreenak, landa guneetan bizi direnak. Beraz, zer egiten duzu haiei frantsesez hitz eginda? Afrikan ingelesez edo frantsesez egitea bezala da. Herritarrengana bazoaz haien hizkuntzan hitz egitea beharrezkoa da. Mugarik Gabeko Itzultzaileak ikaragarrizko lana ari dira egiten. Gobernuz kanpoko erakunde batzuk oso ondo ari dira lanean, beste batzuk ez hainbeste.
Hitzaldian argazki bat erakutsi duzu. Gazte batek jantzita daraman elastikoan hiesari buruzko kontuak datoz ingelesez. Ez badute ingelesez egiten, ez al da harrigarria informazioa ingelesez edukitzea?
"Nazioarteko garapen agentzia gehienek eta gobernuz kanpoko erakundeek ez dituzte bertako hizkuntzak ikasten"
Herritarren hizkuntza asko ez dira irakurtzen. Irratsaioak, txotxongilo saioak edo eskolan antzerkiak egin behar izaten dira informazioa helarazteko, komunikazio moduetan asmatzaile izan behar duzu. Idatzitako ikur handi bat jar dezakezu, baina herritarrentzat ez du zentzurik.
Mugarik Gabeko Medikuek egindako ikerketa batean esaten da ebola krisian arazorik handiena komunikazioa izan zela. Diote krisia lehenago bukatuko zela jendea komunikazio arazoez ohartu izan balitz. Arazoa izugarria da, erakundeak oztopo horretaz ez badira jabetzen.
Gauza bera ari da gertatzen errefuxiatuen krisian Europan. Gehienak komunitate pobreetatik datoz eta askok hizkuntza gutxiagotuak hitz egiten dituzte. Nola azalduko dizkiezu zein diren haien eskubideak? Hor dago Calaisko oihanaren adibidea. Gunetan pilatu dituzte, eta horietako errefuxiatu batzuek senideak dituzte Erresuma Batuan. Nazioarteko Legediaren arabera, horietako batzuek hara joateko eskubidea izango lukete, baina ez zegoen inor beraiei hori azaltzeko. Joan direnek baino gehiagok izango zuten aukera Erresuma Batura joateko.
Horregatik aipatu dizut lehen ahalduntzen duen garapena, guneetara joan eta galdetu izan balute zein hizkuntza hitz egiten duten, azaldu izan balitzaie haien hizkuntzan zein diren haien eskubideak, emaitza bestelakoa izango zen. Ez da erraza, hori ere egia da. Horregatik diot, hizkuntza garapenerako giltza da.
Hezkuntza zergatik da hain garrantzitsua hizkuntza gutxiagotuei lotuta?
Edozertarako giltza da hezkuntza, ez al da hala? Zure hizkuntza ez bada irakasten eskolan nola ikasiko duzu?
Etxean…
Batzuetan gurasoek ere ez dute ulertzen haien haurrek eskolan darabilten hizkuntza. Nola ikasiko du umeak irakurtzen? Irakurtzen ikasten ez baduzu nola ikasiko duzu beste ezer? Haur asko saiatzen dira irakurtzen ikasten, baina ezinean dabiltzala ikusita, utzi egiten dute eskola.
Ikerketak badira esaten dutenak haurrak urte gehiagoz egoten direla eskolan haien ama hizkuntzan ikasten badute. Zentzu osoa dauka. Nola ikasiko dute eskolako hizkuntza ulertzen ez badute?
Munduko hizkuntzen %90 ez dago eskoletan. Zifra ikaragarria da.
Oxfordeko Unibertsitatean irakatsi dut 30 urtez, eta hizkuntza gutxiagotuetan hitz egiten duten ikasle asko izan ditut. Hala ere, gehienak ingelesak ziren eta ingelesez ikasi dute eskolan. Nire ama hizkuntza ingelesa da eta eskolak ingelesez ziren. Nik toki guztietan gauza bera gertatzen zela uste nuen, jendeak eskolan bere hizkuntzan ikasten zuela. Ikasleak harrituta geratu ziren munduan zer gertatzen den kontatu nienean. Zer ikasiko nuke nik eskolan euskaraz egin beharko banu? Ezingo nuke ulertu. Ehunka milioi pertsonak hitz egiten dituzte hizkuntza horiek etxean, kalean, baina ez eskolan. Ez da bidezkoa.
"Indigenei buruz hitz egiten dut bereziki. Munduko hizkuntza gehienak hitz egiten dituzte, munduko pobreenen artean daude"
Afrikan bada adibide onik?
Etiopian. Hizkuntza bakarrean (arabieraz) irakastetik hizkuntza gutxiagotuak erabiltzera pasa dira. Bertako hizkuntzez gain arabiera eta ingelesa erabiltzen dituzte. Zoritxarrez, Afrikako eskola gehienak ingelesa ahalik eta azkarren sartzen saiatzen ari dira. Ez da ona. Pentsatzen dute umeek nazioarteko hizkuntza bat behar dutela eta uste dute hobe dela lehenbailehen irakasten hastea. Horrela ez dute behin ere ikasiko, ama hizkuntzan eduki behar dute oinarria lehenengo. Gero gehituko dituzte beste hizkuntzak.
Pobrezia eta hizkuntza gutxiagotuen arteko lotura zuzena egin duzu.
Jakina. Pobreez hitz egiten dut pobreak direlako hizkuntza gutxiagotu gehienak hitz egiten dituztenak. Indigenei buruz hitz egiten dut bereziki. Munduko hizkuntza gehienak hitz egiten dituzte, munduko pobreenen artean daude. Edo ez daukate estaturik, edo haiek onartzen ez dituen estatu batean bizi dira, edo zuzenean hizkuntza debekatzen diete, edo haien lurraldeko natur baliabideak ustiatzen dizkiete.
Bai, zuzeneko harremana dago. Ez dut esan nahi hizkuntza gutxiagotuak hitz egiteak pobrezia sortzen duenik. Harreman bat dagoela baizik. Jendeak ez badauka ikasteko aukerarik, ez badoa eskolara, zer egingo du? Ziklo bat da eta errepikatu egiten da. Ez dute pobreziatik ateratzeko aukerarik.
Berriro diot, kontua ez da hizkuntza gutxiagotuak hitz egiteak pobrezia dakarrela, zeren argudio hori batzuek erabiltzen dute. Horrela argudiatzen duenak dio, adibidez, ingelesa eta frantsesa irakatsi behar direla ez izateko pobre. | news |
argia-f134e8fab7dd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/yasmine-motarjemi-aditu-bipilak-aurre-egin-dio-nestle-ahalguztidunari.html | Yasmine Motarjemi aditu bipilak aurre egin dio Nestl� ahalguztidunari | Pello Zubiria Kamino | 2017-01-01 00:00:00 | Yasmine Motarjemi aditu bipilak aurre egin dio Nestl� ahalguztidunari
Yasmine Motarjemik borrokan dirau jakien alorrean munduko lehen multinazionala den Nestléren kontra. Auzitan azken sei urteotan enpresaren elikadura segurtasunerako zuzendari zenetik jazarri zutelako, lanik gabe utzi eta teknikari moduan izen ona zikindu dioten arren, Motarjemik ez du amore eman nahi korporazioaren inpunitatearen aurrean, ez du onartzen elikadura bidezko hainbat infekzio zigorrik gabe utziz jendeen kutsadura berriak ez saihestea.
" Lanceur d'alerte " deitzen diete frantsesez, " alertador" gaztelaniaz , " whisteblower " ingelesez... eman dezagun egun batean erabakiko dela euskaraz alerta jotzaile bataiatzea honako pertsona, talde edo erakundeak: arrisku edo eskandalu baten aurrean alarma deia egiten dutenak, horrekin eraginez arauen aldatze, eztabaida edo mobilizazio kolektiboa. Gehienetan gizakia, ekonomia, gizartea, edo ingurumena mehatxatzen duten gauzak aurkitu dituztelakoan eskuzabaltasunez gaia jartzen dute erakunde ofizialen, elkarteen edo hedabideen eskuetan, batzuetan beren hierarkiaren iritziaren kontra.
Bere burua alerta jotzaileen hedabidetzat duen Le Mur des Insoumis [Intsumisoen Horma] webguneak elkarrizketa egin berri dio Yasmine Motarjemiri, jendeari azaldu diezaion bere kasua: "Esne kutsatua: Inork ez dio galdetu Nestléri ea zer egin duen arazoa berriro gerta ez dadin".
Izan ere, Motarjemik sei urte daramatza borrokan Nestlék Suitzan daukan zuzendaritza zentralaren aurka, hor elikadura segurtasunerako zuzendari zenean jasandako jazarpena salatzeagatik. Ez du onartu enpresa utzi eta isiltzearen truke eskainitako kalteordaina, multinazionalak eragindako giza kutsadura arazoak ez daitezen geratu argitu eta konpondu gabe.
Yasmine Motarjemi OME Osasunerako Mundu Erakundeak 1990ean kontratatu zuen, zientzialari ezaguna izanik elikadura segurtasunean lan egin zezan. Elikagaien infekzio toxikoak zaintzeko arduradun izendatu zuen OMEk, hau da, jakiek bai mikrobioz edo bai gai kimikoz jasan ditzaketen pozoitzeak gainbegiratzeko. Munduko gobernuei aholkuak ematen zizkien elikadura segurtasun aferetan eta enpresen segurtasun programak ere zaintzen zituen.
OMEko arduradun zelarik Nestlérekin elkarlan batzuk egin zituen Industrial Council for Development Gobernuz Kanpoko Erakundearen bitartez. Gero, 2000. urtean elikadura segurtasunerako zuzendaritza eskaini zion Nestlék.
Konpainian sartu zelarik, fite ohartu zen ezagutza mailan dena zihoala ongi Nestlén, dokumentazio guztia O.K. zegoen, gehitu beharreko deus gabe. Aldiz, segurtasun planak praktikara eramaterakoan aurkitzen hasi zen hutsuneak, fabrika batean langile gutxiegi, beste batean hornitzeko prozeduretan akatsak... Esaterako, haurren janarietarako erabakitako bitamina eta beste osagaien kopuru arautuak produkzioan nola frogatzen ziren galdezka hasita, hutsuneak zeuden. "Batek esaten zidan, 'bada hogei urte ez dugula hori frogatzen' eta abar, eta nik ezin nituen nire lanak eskatzen zituen kontrolak sinatu".
Bere lana izanik konpainiaren produkzio prozesuetan beharrezko aldaketak eragitea, ardurak kentzen hasi zitzaizkiola ohartu zen laster. Lehen arazo larriak 2002an hasi zitzaizkion.
Urte hartan bi haur itotzear ibili ziren Frantzian P'tits Biscuits gailetak irentsi nahian. Urte hartan, hala ere, denetara 30 haur gehiago larri ibiliak ziren bizkotx horiekin munduan. "Berehala gaileta horiek kontsumitzeko adina igotzea eskatu nuen, gauza ez baita umeak hiltzen hastea kontrolak ezartzen hasteko, hori eta gehiago eskatu behar diogu Nestlé bezalako konpainia bati".
Hasieran goiko buruzagiek gomendioak kontutan hartu zizkioten arren, Motarjemiri arazoa zaildu zitzaion Nestlék Frantzian zeukan elikadura segurtasunerako zuzendaria, hain zuzen urte horietan guztietan produktu susmagarriak baimentzen aritu zena, Suitzara eraman eta ipini zutenean Motarjemiren gaineko arduradun. Hor hasi zitzaizkion errepresaliak, epaitegietan jazarpen profesionaltzat salatu dituenak.
Edo isildu edo zigorra nozitu
Motarjemik ohartarazia zuen Nestléren haurrentzako produktuek bitamina eta mineral dosietan zeukaten kontrolik ezaz. Baina fabriketako produkzio buruek ez zituzten oharrok kontutan hartu eta kalkuluak berritu nahi, batzuen eta besteen gutxieneko eta gehieneko edukien mugak aspalditik ezarrita zeudela argudiatuz.
Arazoari aurre egiteko lan talde bat osatzea lortu zuen, baina emaitzarik gabe. 2005ean Txinan gertatukoak erakutsi zuen Motarjemik salatuak ez zirela kontu ahulak: Nestlék esne-hauts sorta osoak erretiratu behar izan zituen dendetatik, iodo gehiegi edukitzeagatik. Nestléko buruek ez zuten gertatuarekin ikasi, ordea. 2006an konpainiaren quality manager berri izendatu zuten Roland Stalder, Motarjemik salatu duenez "OME bezalako osasun erakundeen arauak mespretxatzen dituen gizona".
Segurtasun krisi gehiago gertatzen ikusia da. 2005ean Nestlé-Purinak aflatoxinaz kutsatutako pentsua janda zientoka katu eta zakur hil ziren Venezuelan. 2008an Ukrainako ekilore-olioaren afera gertatu zen, hori olio mineralekin faltsutu eta kutsatzeagatik. 2010ean, horrelakoak saihesteko kontrolak zorroztea eskatzen zuen zientzialari izarra kaleratu zuen Nestlék eta bere ekipoa desegin, argudio mingarri hau erabiliz: "Guretzako elikadura segurtasuna gauza garrantzitsuegia da inoren huts egiteak barkatzeko. Horregatik iritsi zaigu Yasmine Motarjemi baztertzeko ordua".
Denborak ematen duen urruntasunetik, dio Motarjemik: "Herritarrok askatasun osoa uzten diegu Nestlé bezalako enpresa handiei, horregatik daukate horiek inpunitate osoa. (...) Arazoen berri ematen duen edonor, ni bezala, berehala pertsegitzen dute. Eta jazartzeko estrategiarekin ez badute pertsona suntsitzea lortzen, orduan kale gorrira botatzen dute, lan berri bat aurkitzeko zailtasunekin. Gaur egun [60 urte dauzka] ez naiz lanean ari nire bizimodua irabazteko, baizik eta jendearen kontzientzia ernarazi eta ulertarazteko zer ari den gertatzen".
Nestlék arazo nagusia ez du aldatu, antza, eta enpresaren auditoria egiten duena bera da konpainiaren elikadura segurtasuna kontrolatzen duena. "Azkenean, produktu bat toxikoz kutsatuta dagoela jakingo da jendeak gaixotzen hasitakoan, eta orduan esango dizute 'abisatu herrialdeko agintariei'. Baina prebentzioa ez da jendeak noiz gaixotuko zain egotea gauzak aldatzeko".
2008an Nestlék eta beste konpainia batzuek melaminaz kutsatutako esnez gaixotu ziren 300.000 ume Txinan. Aurretik, 2007an, melaminaz kutsatutako pentsuz erituak ziren katu eta zakur asko AEBetan. 2009an bakterio hilgarri batez kutsatu ziren 77 jende AEBetan, bi urte geroago kutsadura beragatik 60 lagun hil Alemanian.
Nestlék asmatu zuen nola oztopatu justiziaren ikerketa: "Astakeria handiena esan dezakete lasai, badakitelako ukiezinak direla, justizia eros dezaketela, eta nirea bezalako auzi bat blokatu eta luzatu dezaketela nahi adina. Legearen gainetik daudela sentitzen dute". | news |
argia-057496e2c093 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/manipulazio-festa-ekialde-hurbilean.html | Manipulazio festa Ekialde Hurbilean | Asier Blas Mendoza | 2017-01-01 00:00:00 | Manipulazio festa Ekialde Hurbilean
Mendebaldeko botere finantzarioa eta bere esanetara dauzkan hedabide eta intelektual globalizazio zaleak urduri daude. 1990eko hamarkada amaieratik botere politikoa, ekonomikoa, kulturala eta militarra galtzen ari dira. 2005. urtean Triadako herrialdeek (Kanada-AEB, Europa eta Hego Korea-Japonia) munduko populazioaren %14rekin, BPGren %74,2 zuten beraien esku. BRICS herrialdeek aldiz (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika), planetako biztanleen erdia izanik BPGren %13 ordezkatzen zuten soilik. Bost urte beranduago, 2010ean, Triadak %54,5 jaitsia zuen bere partaidetza munduko ekonomian, BRICSak, aldiz, %28ra iritsi ziren. Orduko iragarpenek 2050ean BRICS herrialdeak munduko ekonomiaren %43 ordezkatuko zutela zioten eta Latinoamerikako ezkerreko aliatuekin eta Ekialde Hurbilekoekin erraz gaindituko zuketen Triada eta haren aliatuen (Arabiar penintsulako erresumak eta Zeelanda Berria-Australia) pisu ekonomikoa.
Egoera horren aurrean, 2010etik aurrera, AEBek eta bere aliatuek iragarpenak bete ez daitezen estrategia berritu zuten. Pobretutako herrialde gehienentzat baliabideen kontrola berreskuratzea eta hauen ustiakuntza bideratzea da garatzeko lehen pausoa. Horregatik, petrolioaren eta gasaren prezioari eraso egin zion Mendebaldeak bere Arabiar penintsulako aliatuekin koordinatuz. Estrategia hori elikatzeko Libiaren soberania lapurtu eta beraien kontrolpera eraman zuten.
Sirian operazioa errepikatu nahi izan dute egungo gobernua estigmatizatuz, Al Qaeda eta ISIS armatuz, nazioarteko legediaren kontrako bonbardaketa ilegalak eginez, aliantzako armada batzuen zuzeneko partaidetza bultzatuz, eta gezur eta manipulazioen zaparrada amaigabe bat sustatuz
NATOko herrialdeei eta arabiar erresumei Libiako erregimen aldaketa bortitza musu-truk atera zitzaien. Hedabideek datuak ezkutatu eta gezurrak zabaldu zituzten interes inperialistak mozorrotu eta esku-hartzea irensteko giroa sortzeko. Halere, jokaldiak geroz eta narrasagoak izan ziren. Behin gola sartu bazuten ere, bigarrenean huts egin dute. Sirian operazioa errepikatu nahi izan dute egungo gobernua estigmatizatuz, Al Qaeda eta ISIS armatuz, nazioarteko legediaren kontrako bonbardaketa ilegalak eginez, aliantzako armada batzuen zuzeneko partaidetza bultzatuz, eta gezur eta manipulazioen zaparrada amaigabe bat sustatuz. Guztia ez da nahikoa izan: Errusiak, Iranek eta Txinak muga jarri diote NATO eta bere aliatuen esku-hartzeari.
Gerra ez da amaitu, baina, Barack Obamak eta globalizazioaren bozeramailea den The Economist aldizkariak, besteak beste, argi adierazi dute Alepporen askapena Mendebaldearen porrota dela. Gogoratu behar dugu Aleppon ez zela gobernuaren kontrako oposiziorik antolatu eta ez zela 2011n manifestaziorik egon. 2012an jihadistek hasi zuten konkista, baina orduan hedabideek ez ziguten kontatu setio hori. Lau urte beranduago Siriako Gobernuak ekialdeko Aleppo askatu du. NATOk bataila galdu duenez, gerra mediatikoa irabazteko edozein gauza egiteko prest dago. Nazioarteko kazetari guztiak eta NBEko delegazio guztiak Siriako Gobernuak edo kurduek kontrolatzen dituzten aldean daude, izan ere, matxino jihadisten aldean bizirauteko aukerak gutxi dira, alde batean Al Qaeda eta salafisten arteko koalizioa dago eta bestean, ISIS. Halere, inongo informazio iturririk gabe errepikatu digute "sarraski" bat egin dutela Siriako indar armatuek eta Errusiak (nazioarteko legedia errespetatuz borrokatzen ari dena). Frogak zein dira? Zero. Lehenengo pertsona batzuk kasko zuriekin antzezlanak egiten jarri zizkiguten, gaur erabat frogatuta dago muntaiak zirela, areago, AEBek kasko zurien buruari debekatu egin zioten beren lurraldean sartzea lotura terroristak izateagatik. Azken muntaia lau militante jihadistaren bideo eta elkarrizketa koordinatuak izan dira, inolako filtrorik gabe hedabideetan zabaldu direnak, nahiz eta beraien facebook eta twitter kontuetan garbi geratu zen Al Qaeda edota ISISekin zituzten loturak. Bitartean, Aleppoko herritarren ospakizun irudiak ezkutatu egin dizkigute. | news |
argia-1b6b0b935cc3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/argiaren-bila.html | Argiaren bila | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2017-01-01 00:00:00 | Argiaren bila
Jon Urbizu da Adi! taldearen arima. Barrenak hustu ditu diskoan dauden bost kantuen bidez. Bizitzako hainbat arlotako eta garaitako bizipenak, bere kezkak, sentipenak eta emozioak islatu ditu zuri beltzean. Argia edo iluntasuna, zuria edo beltza. Argia aurkitzen ahalegindu da, iluntasunari aurre egin eta gaindituta.
Saxofoia jotzen du, Bonberenea Txarangako kidea da, eta musika eskolak ematen ditu. Diskoa osatzeko musikari hauekin jardun du: Mariano Hurtado (baxua, besteak beste Anarirekin eta Inoren Ero Ni taldearekin jotzen du), Antton Telleria (bateria eta perkusioak, Dolce Tangana taldeko eta Bonberenea Txarangako kidea) eta Iker Pando (gitarra, Glaukoma taldeko kidea). Haiekin, batera, grabazio saioetan, Xabier Beldarrain (perkusioak), Jon Arruabarrena (flauta) eta Mikel Zelaia (grabazioa, nahasketak eta masterizazioa) aritu dira. Halaber, Xabier Goya diseinuaz arduratu da eta Imanol Urizar maketazioaz. Denen artean disko ederra egin dute.
Jon Urbizuk bere doinua sortu du, bere gogoa eta grina gauzatu, naturaltasunez, bere taldekideen laguntzaz. Lan esperimental baten emaitza da diskoa. Jazz, rock, reggae, blues eta musika afrikar ukituak antzeman daitezke kantuetan. Melodiak politak dira, iradokitzaileak, eta erritmoak biziak dira une batzuetan eta lasaiagoak beste batzuetan. Musikariak apartak dira eta kantuak ongi osatu eta jantzi dituzte.
Jendaurreko emanaldiak egiten hasten direnean adi egongo gara, diskoaren mamia, kantuak, aurrez-aurre, zuzenean entzuteko eta bizitzeko, eta gozatzeko. | news |
argia-6c9e3e0b0cc5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/joan-martinez-alier-ekonomia-aztertzen-ekologiaren-betaurrekoekin.html | "Ekonomia ortodoxoak suntsiketari 'ekoizpen' esaten dio" | Unai Brea | 2017-01-01 00:00:00 | "Ekonomia ortodoxoak suntsiketari 'ekoizpen' esaten dio"
Bartzelonan jaio zen Joan Martinez Alier, 1939an. Bertako Unibertsitate Autonomoan ekonomia katedraduna da, baita Ecología política aldizkariko zuzendaria ere. Ekologia politikoaren eta ekonomia ekologikoaren arloetan erreferente ezinbestekoa da Martinez Alier. Ekologismoaren iraganeko eta gaur egungo kezka nagusiez hitz egin dugu harekin.
Bizitzaren zati handi bat eman duzu ekologia politikoa aztertzen eta garatzen. Badago hori zer den hitz gutxirekin azaltzerik?
Bi arlo daude. Batetik ekonomia ekologikoa dugu; ekonomia ortodoxoaren kritika da, bai keynesiarrarena, bai neoliberalarena, bai marxistarena, ingurumenaz ahazten direlako. "Ekoizpen" esaten diote suntsiketari. Ikatza, petrolioa eta gasa erauzi eta erretzea, geologikoki, ez da ezer ekoiztea, suntsitzea baizik. Era berean, ekonomia ortodoxoak ez die arretarik eskaini zenbait kalteri (klima aldaketa, biodibertsitate galera..), eta kanpo-efektu esaten die. Azken batean, kapitalismoa kostu sozialak desbideratzen duen sistema bat da: txiroei, etorkizuneko belaunaldiei… Eta ekonomia ekologikoak kritika egiten dio horri. Haren jatorria ekonomiaz interesa duten ekologoengan dago, eta "damututako" zenbait ekonomialarirengan.
Eta ekologia politikoa?
Diziplina akademiko modura, geografiatik, antropologiatik… Eta praktika modura, mundua aldatu nahi duten aktibistengandik.
1972an Erromako Kluba GKEak Hazkundearen mugak txosten ospetsua argitaratu zuen. Hori izan al zen ekonomia ekologikoaren abiapuntua?
Bai, baina baita ordurako existitzen ziren hamaika ingurumen borroka ere. Edozein kasutan, esan beharra dago Hazkundearen mugak txostenak erreakzio handia eragin zuela Europan. 1972an Europar Batasuneko presidente zen Sicco Mansholtek esan zuen hazkunde ekonomikoa eten beharra zegoela, hazkunde negatiboa behar zela.
Baina hazkundearen aurpegia edertu egin zen. 1992ko Rio de Janeiroko gailurrean agertu zen "garapen jasangarri" kontzeptua.
Europar sozialdemokraziaren berariazko erreakzioa izan zen. Ez intelektualki ez politikoki, ezin zuten onartu hazkunde ekonomikorik ez egotea. Hazkundea petrolio merkean oinarrituta zegoen, eta sistema hartan posible zen banaketarik gabe ere jendea gutxi gorabehera pozik egotea, "fordista" esan diezaiokegun garaian. Horretan dabiltza Europan 1945etik, eta etekin ona eman die hauteskundeetan, are sozialki ere. Hala, Keynesen jarraitzaile askok betiereko hazkunderako eredu ekonomikoak diseinatu zituzten, eta horiek eragin handia zuten politiketan. Azken batean, zenbait sektorek bat egin zuten ekologismoaren aurka, "garapen jasangarria posible da" esanez. Baina garai berean hasi zen garapen ideiari berari kritika, hainbat egileren eskutik. "Garapenak denok hartu behar dugun bidearen irudi uniformetzailea dakar", esaten zuten, "denok American way of life delakora; hori ez da posible, eta gainera ez dugu nahi".
"Lehen eztabaidatu egiten zen kapitalismotik sozialismoranzko trantsizioaz. Baina oraingo trantsizio integrala, aldi berean soziala, ekonomikoa, feminista eta ekologista, ez zen existitzen. Sortu den ingurumen justiziaren aldeko mugimendu globalaren barruan dagoela uste dut". (Arg.: Axier Lopez)
80ko hamarkadaren hasieran hain indartsu ibili zen neoliberalismoak izango zuen zeresanik...
Neoliberalismoaren tradizioan merkatua erregea da. Baina merkatua itsua da etorkizunari dagokionez. Edo, zehatzago esanda, miopea da bi urteko eperako, eta itsua hamarrerako. Horregatik, neoliberalismoak nahi eta ez bazterrean utzi behar du ikuspuntu ekologikoa. Merkatuak ez du tresnarik arazo horien aurrean zer egin erabakitzeko. Hartara, neoliberalismoak erlijio-sekta batek bezala jokatu du, "merkatuak dena konponduko du" sinetsita. Absurdua da hala pentsatzea. Edozein kasutan, gu sozialdemokraten aurka borrokan ari ginela bat-batean agertu ziren Thatcher eta Reagan, ekologismoaren aurkarietan aurkarienak. Hortik dator gaurko AEBetako errepublikanoek klima aldaketa ukatzea. Hain dira ekologismoaren kontrakoak, zientzia ere mespretxatzen baitute.
Hazkundearen mugak txostena idatzi eta ia 45 urtera, hark dioena inoiz baino agerikoa denean, hazkunde ideiak hegemoniari eusten dio.
Ez dut uste. Astiro bada ere ingurumenaren aldeko kontzientzia eta erantzuna hazten ari dira, agian lehengoa baino ekologismo zabalago batekin.
Zabalagoa izateak esan nahi du ez dela hain politikoa?
Beharbada ez hain kontserbaziozalea, eta sozialagoa. Europan izaera politikoa galdu du alderdien politikari dagokionez. Alderdi berdeek ez dute arrakastarik izan oro har, eta eduki duten lekuetan, adibidez Alemanian, ez dute hitz egiten Iparraldeak Hegoaldearekin duen zorraz, merkataritza ekologikoki desorekatuaz…
Gutxiengoa izan arren, badirudi loratzen ari direla trantsizio mugimendu esaten zaienak. Fenomeno berria dira?
Esango nuke baietz. Lehen eztabaidatu egiten zen kapitalismotik sozialismoranzko trantsizioaz, zein bide zen egokiago, hauteskundeekin Allendek Txilen bezala, edo Kubako eran… Baina trantsizio integrala, aldi berean soziala, ekonomikoa, feminista eta ekologista, ez zen existitzen. Sortu den ingurumen justiziaren aldeko mugimendu globalaren barruan dagoela uste dut; zorionez mugimendu horrek ez du politburo -rik, elkartzen diren sareak dira. Zabalduago dago Hegoaldean, baina Europan ere ematen da, honako oinarriekin: batetik, ekonomia ez da haziko; eta bestetik, ez dugu hazteko beharrik, ondo bizi gaitezke hori gabe. Gainera, zenbat hazi behar genuke? Bi halako? Lau halako? Eta zertarako? | news |
argia-46962cbd258f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/juan-mari-feliu-euzko-gaztediko-kide-ohia.html | "Dibertigarria ere izan zen poliziaren zaintzari iskin egiten ibiltzea" | Miel Anjel Elustondo | 2017-01-01 00:00:00 | "Dibertigarria ere izan zen poliziaren zaintzari iskin egiten ibiltzea"
Zigorra du jatorri, gerrak zigorturik heldu baitzen Feliu Dord familia Iruñera. Zigorra izan du lagun urte askoan, kartzela eta desterrua ezagutu baititu Juan Marik, abertzaletasuna lagun eginik. Zigor horiekin batera, sari izan du mendia, Frantziako Alpeetan eta Kataluniako Pirinioetan gurasoak jaiorik...
Feliu Dord… hemengoa zara, katalana zara…
Iruñean jaioa naiz, Motxuelo auzoan. Ama frantziarra nuen, Saboiakoa, Alpeetakoa; aita katalana, Bergakoa, Pirinioetan. Manresan elkar ezagutu zuten eta bertan ezkondu ziren. Aita ERCkoa zen, Manresako kultura zinegotzia gerra garaian, eta 1939ko erretirada etorri zenean Ipar Kataluniara igaro zen funtzionario eta politikariekin batera. Batera eta bestera ibili zen bi urtez, eta bitartean, ama, aitatxi-amatxiak eta nire anaia gehiena Donostian zeuden, senideen babesean. Aita 1941ean itzuli zen Manresara, bertako batzuen bitartekaritza baliatuz, baina Kataluniatik 200 kilometrora bizitzera zigortu zuten. Iruñean kokatu ziren eta bertan jaio nintzen ni.
Gerra historia!
Aita lasaia zen aiurriz. Neketan ikusiko zenuen hura haserre. Andeetakoa gertatu zenean ikusiko nuen benetan amorratuta. Guardia zibilak ez ninduen bakean utzi, behin eta berriz hartu ninduen atxilo. Trikornioak, azkena, 25.000 pezetako isuna pagatu ez nuelako etorri zitzaizkidan. Aitak aurre egin zien, eta kasik kartzelara lagundu ninduen. Orduko hartan hiru egun eduki ninduten zuloan. PNVk dirua bildu, isuna pagatu eta irten nintzen. Ez naiz debaldetan ari hau kontatzen, zeren eta etxera etorri nintzenean aita solasean hasi baitzitzaidan. Esan zidan txikitandik zetorkidala su txiki bat, sei-zazpi urte nituela galdetu niola zein hizkuntzatan solasten ziren gure auzoak. Orkin zuten deitura auzoek, "pilotariak" ezizenez, etxean baten bat pilotaria baitzuten. Euskaraz solasten ziren, eta aitak esan omen zidan historiaurreko hizkuntza bat ibiltzen zutela, eta horrek erabat harritu ninduela. Euskara zen hizkuntza hura, jakina.
Ama Alpeetakoa, aita Piriniokoa, ezinbestean mendizale zu.
Zaila ere ez-eta! Ni baino lehen, anaia gehiena, Markos, hasi zen Oberenan, eta haren eskutik joan nintzen ni klub hartara, hamahiru bat urte nituela. Mendian, eguerdian, angelusa errezatzen zen. Eta itzulian, autobusean, arrosarioa. Hura gehiegi zen! Azkenean, Navarra Kirol Klubera aldatu ginen, eta han besterik zen, han Internazionala, Marseillesa nahiz Boga Boga kantatzen genituen. Bestalde, mendizale zailduenek mapak hartu eta euskarazko toponimia itzultzen ziguten. Horrela, nire baitako su txiki hura bizitu eta lama egin zen mendian.
Su txikia lama egin zen… Su hura hauspotu zuenik ez ote zen izan?
Beti da baten bat. Bagenuen auzo bat, biziki preziatzen gintuena. Periko Ezkurdia zen. Abertzalea, gerra baino lehen Iruñeko PNVren uri buru batzarreko presidentea eta, ondoren, Alava sareko kide. Altzari fabrika zuen, Juan Ajuriagerrak propaganda paketeak igortzen zizkion eta Perikok egur-ohol tontor baten artean ezkutatzen zuen. Perikok jakin zuen baten batzuk Claveria eta Garcia Falcesekin biltzen ginela Jorde Sarasaren etxean, haien Euskalerriko Adiskideen Elkartearen gainean solasean. Laster galdetu zidaten Garcia Falcesek eta Perikok euskal kausaren alde lan egin nahi ote nuen.
Zer zen euskal kausaren alde lan egitea?
Adiskideen Elkarte hura ez zen PNVren babes ezkutu bat besterik. 1964 zen, eta solasaldi haietara joaten ginen gazte koadrila Bergarako Aberri Egunera joan ginen ondoko urtean. Bitartean, gazte haiek, Gotzon Bergerandi, Fernando Bara, Martine Iturralde… honetaz eta hartaz solasten ginen, mendira joaten ginen, eta Durangaldeko gazte batzuk ezagutu genituen. Euzko Gaztedikoak zirela zioten, itzulingururik gabe. Haiek kontaktuak nahi zituzten nafar jendearekin, eta horrela endredatu ginen. Garai berean, Jose Antonio Urbiola eta Mirentxu Oiarzabal senar-emazteak Parisetik Iruñera itzuli ziren, eta laster nintzen Napar Buru Batzarrean. Iruñeko eta Nafarroako gazte abertzaleak biltzea zen gure lana. Alde batetik, intelektualak zeuden –Claveria, Sarasa, Elena Gereziaga, Gurrutxaga–, euskaltzaleak –Diez de Ulzurrun, Cortes Izal…–, eta gazte ekintzaileok, Urbiola, Garcia Falces, Uztaritzeko Intxausti ahizpak eta beste zenbait. Guk, Adiskideen Elkarteko bilkuretan parte hartzen genuen, baina, bestalde, gazteon bilkurak egiten genituen Gurrutxagaren etxean, Ezkurdia eta Santiago Alonsorekin. Eta Euzko Bazterra sortu genuen 1967an.
Argazkia: Zaldi Ero.
Zer izan zen Euzko Bazterra?
Adiskideen Elkartearen gazte saila. 120 lagun izango ginen, unibertsitarioak batzuk –Patxi Zabaleta, Manterola, Serrano-Izko…–, baina orobat mendizaleak denak. Saila osatu genuen eta hitzaldiak antolatzen hasi ginen, Ama Lur eta Pelotari proiektatzen, eta ezkutuan propaganda banatzen, eta poliziagandik ihesi zebiltzanentzat ezkutalekuak aurkitzen. Oroitzen naiz 1967an Elias Anton, Iñaki Mujika eta Baserri ezizenekoa etorri zirela Iruñera Gipuzkoatik ihesi, eta haiei esker ekintzek indarra hartu zutela. Euzko Gaztedikoak ziren, eta Iruñean izan ziren Urbasakoa arte.
Zer duzu Urbasakoa?
Ikurrinatzar handi bat jarri genuen Urbasan 1968ko Aberri Egunaren bezperan. Atxilotu eta epaitu egin ninduten beste lau lagunekin batera. Hori ez ezik, aurreko urtean Iruñeko Aberri Eguna baino lehen Bi Haizpen beste ikurrina bat jarri izana ere leporatu zidaten, eliz dorreetan jarritako beste hainbat, mugaz alde batetik bestera propaganda pasatu izana… Kartzelara!
Usteko nuen Urbasakoa Espainiako Txirrindulari Itzulian jarritako lehergailua zela.
Hori ere 1968an izan zen, baina geroago. Errepidean sekulako zuloa egin zuen lehergaiak eta ziklistek geratu beharra izan zuten. Itzulia bertan behera utzi ez utzi izan ziren, eta zalaparta handia atera zuen ekintza hark nazioarteko hedabideetan. Napar Buru Batzarreko batzuek bagenekien nondik etorri zen atentatua, beste batzuek, aldiz, ez. Nahaste-borraste galanta, eta errepresioa, jakina. Hala ere, batzuek ez zuten etsi, eta bide horretan saiatu ziren, 1969an Alberto Asurmendi eta Jokin Artajo hil ziren arte.
1969ko Aberri Egunaren bezperan, lehergailuak eskuetan zapart egin zienean. Zuk biak ezagutu zenituen.
Ezagutuko ez nituen, bada! Haien heriotzak dena aldarazi zuen. Nik neuk ekarri nituen gure artera. Asurmendi guztiz irekia zen izaeraz. Artajo, aldiz, isilagoa. Euzko Gaztedikoak ziren. Garai hartan, Euzko Gaztedikook bortxa erabiltzea ETAkoei gu ere borrokan ari ginela esateko modua zen, bortxa bai, baina inor bahitu edo hil gabe. Bi lagunak hil zirenean dena aldatu zen. Dena dela, gero jabetu nintzen horretaz, garai hartan ni Carabanchelen bainindukaten preso. Zortzi hilabete neramatzan kartzelan.
Behin baino gehiagotan atxilotu zintuzten, dakigunez, eta Andeetako lehen euskal espedizioak ere ondorio gaitzik ekarri zizun.
Ikurrina jarri genuen Atunrajun, 1967an, ordu arte inork igo gabeko tontorra. Nafar ordezkaria nintzen euskal espedizioan, eta neuk eraman nuen ikurrina. Durangoko Euzko Gaztedikoek eman zidaten, Peruko mendietara gindoazela jakin zutenean. "Etorri Durangora, Juan Mari, baina zeu bakarrik!". Joan nintzenean, ikurrina eman eta esan zidaten. "Jar ezazu Amerikako tontor horretan!". Baita jarri ere nik! Itzulian, egokiera izan nuenean, Manuel Irujori eman nion ikurrina Baionan, Jaurlaritzaren ordezkaritzan. Irujok esan zidan: "Hartu idazmakina hori eta idatz ezazu ikurrina honen historia. Gutunazal itxian gordeko dugu. Euskadi libre denean jakingo dute egin duzuen balentria". Ez alferretan. Hiru hilabete igaro baino lehen jakin zuen poliziak. Atunrajutik etorri eta zenbait proiekzio egin genituen, eta haietako batean, konturatu gabe, ikurrina ageri zen argazkia erakutsi! Ikusi behar ez zutena ikusi zuten salatariek, eta salaketa. Espedizioko denak atxilotu gintuzten, baina nik eraman nuenez ikurrina, neu kargutu nintzen. Ordu arte, aitortza, sari eta domina besterik ez zen izan guretzat, baina, handik atzera, zigorra.
"Garai hartan, Euzko Gaztedikook bortxa erabiltzea ETAkoei gu ere borrokan ari ginela esateko modua zen"
Amnistia Internazionalek "Urteko preso" izendapena jasotzeko proposatu zintuen.
Gerra kontseilua egin nahi ziguten, baina ez zen gauzatu. Kartzelan mutina egin genuen eta 40 egun eduki ninduten zigor-zeldan. Amnistia Internazionaleko Alemaniako adarra izendapen hartan tematu zen –Atunrajuko ikurrinagatik, oroz gain–, baina 1968ko apirilaren erdialdera kartzelatik irten nintzenean, besteren bat izendatu behar zutela esan nien, giza maila handiko presoak baitzeuden kartzelan. Kalera irten nintzen, baina pertsekuzioa ez zen amaitu. Nirekin batera preso hartutako Mikel Erdozain eta biok zaintza estuan eduki gintuzten. Madrileko Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiko brigada bat, eta beste bat guardia zibilena, izan genituen zelatan zenbait hilabetez. Dibertigarria ere izan zen poliziaren eta guardia zibilen zaintzari iskin egiten ibiltzea. Xagua eta katua nola, halaxe ibili gintuzun. Dena den, "xagu" gabe, "sugandila" zen nire ezizena, eta halaxe ibiltzen nintzen, eskapo. Eta zaintza guztiak gorabehera, Carabanchelen ezagututako lau lagun mendiz beste aldera pasatu nituen 1970ean. Gero, Eiffel dorrearen postala jasoko nuen etxean. Gure kodea zen: ongi heldu zirela adierazten zuen.
1970ean Carabancheleko lagunak beste aldera gidatzen, laster zinen zu haien pausoan.
Urte haren amaieran zenbait lagun jausi ziren. Orduan, nire emaztegaia Maria Luisa [Mangado] eta biok ezkutatu egin ginen. Lehenengo, Donostian egon ginen. Maria Luisa Gerardo Bujandak gorde zuen. Ni, Idoia Estornes eta Josean Aiestaranen etxean izan nintzen, haiek eztei-bidaian abiatu baitziren. Han nengoela, Intxausti ahizpen laguntza izan nuen, Ipar Euskal Herrira igarotzeko. Eguna zehaztu, eta Andoni nire anaiak eta bi mendizale lagunek Petretxemako lepora lagundu ninduten, eta handik Laskunera jaitsi nintzen Andonirekin. Napar Buru Batzarreko Ernesto Torio genuen zain, Donibane Lohizunera eraman ninduen hark. Gero, Maria Luisa ere etorriko zen hara, Pello anaiak eta Ziga ahizpek lagunduta.
Argazkia: Zaldi Ero.
Mugalde inprimategian egin zenuen lan Hendaian, tren geltokitik bertara.
Argoiti familiaren inprimategian. Segundo Marey genuen saltzailea, urteak geroago GALek bahitu zuena, Peixoto zelakoan. Ohi denez, beste langile batek, Jean-Mixel Larzabalek, lanean gure kontura hasteko proposatu zidan, geure inprimategia sortzea, alegia. Gauza ginen, baina ez genuen dirurik. Garai hartan, Felipe Huarte bahitu zuen ETAk. Oroitzen naiz Donibane Lohizunen izan zela Jesus Aizpun [UPNren fundatzailea 1979an], familiaren izenean negoziatzera. Kontua da Huarte askatu eta gutxira, ETAko bi militante heldu zirela Hendaiara, eta gure inprimategi asmoa interesgarria iruditu zitzaiela. Bata familia aberatsekoa zen, eta baliteke guk hamar milioi pezeta handik jasotzea, diru-transferentzia egin baitziguten. Horrela, Mugalde inprimategia ireki genuen PNV, ELA, kultur elkarte eta gainerakoentzat lanean. Hiru liburu porno ere editatu genituen Hendaiako sex-shop batek eskatuta.
Nondik heldu zen dirua?
Madrileko ABC egunkariak esan zuen Huarteren diruarekin ireki zela Mugalde. Guk ez genekien nondik heldu zen, baina ez genion ABC ri kasurik egin. Azkenean, Batallón Vasco-Españolek lehergailua jarri eta zartarazi egin zuen Mugalde. 1975eko apirilaren 23an jarri zuen bonba. Handik hilabetera, maiatzaren 21ean, berriz atentatu zuen inprimategiko hondarren kontra.
Kito, orduan.
Mugalde bai, baina beste bat ireki genuen Donibane Lohizunen. Axular. Hala ere, egoera politikoa ez zen batere ziurra. Portugalen, Krabelinen iraultza izan zen 1974an. Espainiar Estatuan, Francoren errepresioak ez zuen aterrunerik –azken bost fusilamendu haiek irailaren 27an!–, eta guri berriz beste lehergailu bat jarri zigun Batallón Vasco-Españolek. Ez genuen berehalakoan pentsatuko, baina atentatua berriz. Franco azaroan hil zen, eta hurrengo urtean Iruñera itzuli ginen behin-behinean, hemen egoera inkili-mankala baitzegoen. Dena den, 1977an behin betiko itzuli ginen, PNVk eskatuta. Aro berria zetorren, alderdien legeztapena, exiliatu historikoen itzulera, Espainiako Gorte konstituziogileetarako kanpaina, geure hedabideak abiarazteko lana… | news |
argia-ca961928cbf4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/genero-zinematografikoak.html | Western generoa ez zegoen hilda, lotan baizik | Gaizka Izagirre | 2017-01-01 00:00:00 | Western generoa ez zegoen hilda, lotan baizik
Western-a, genero zinematografiko nagusi eta purua bezala kontsideratua izan da beti. Beste generoekin alderatuz, literatura, antzerki eta argazkigintzatik edaten ez duelako, batik bat. Zinemarekin batera jaiotako generoa azken finean. 60ko hamarkadan zinema aretoetan bizpahiru aldiz (gutxienez) ematetik, beherakada nabarmena jasan duen genero bilakatu da, eta gaur egun askok ia hiltzat ematen dute. Baina ziur hilda dagoela?
Sorrera
Genero honen sustraiak 1903. urtean kokatu daitezke, zinema mutuaren garaian hain zuzen ere. Edwin Stanton Porter-ek The Great Train Robbery filma estreinatu zuenean. Hortik aurrerako western gehienek antzeko ezaugarriak zituzten: AEBetako mendebalde zaharrean kokatzen ziren eta Ozeano Pazifikoko kostarantz izandako hedapenaren eraginez, kolono berriek ezezagunak ziren lurrak esploratzen zituzten. Ezinbesteko gaia, jakina, indigenen aurkako borroka zen. Gehienetan, benetako gertakizunen kontakizun batere zehatza eta faltsua eskaintzen zuten, baina tira, batzuetan beraien izen eta ohiturak ezagutzeko balio izan digute behintzat.
Une loriatsuenak 40 eta 50eko hamarkadak izan ziren. Generoan eragina izan zuten zuzendari horietako asko gaur egun zinemaren historiako garrantzitsuenetarikoak bilakatu dira. Barkaezina lerro hauetan John Ford ez aipatzea. Westernaren arauak ezarri zituen zuzendaria izan zen eta balore zein espiritu amerikarra zinemaren bidez ondoen azaldu zituen zinemagilea da askorentzat. Haren pelikulen epikak ondorengo belaunaldietako zuzendari guztiengan izan zuen eragina. Howard Hawks-engan, esaterako. Hawksen Red River , Río Bravo , Río Lobo filmek mugarri bat ezarri zuten. Izen asko aipatuko nituzke: William Wellman, Anthony Mann, Fred Zinnemann, Nicholas Ray, King Vidor eta gutxitan aipatzen den eta nire ustez erabat gutxietsia dagoen Sam Peckinpah handia.
Beherakada
Urteak pasa ahala, genero honen beherakada eragin zuten faktore batzuk azaltzen hasi ziren; 60ko hamarkadan esaterako, urte nahasiak izan ziren Ameriketako Estatu Batuetan, bai sozialki eta baita politikoki ere. Horren eraginez, kate-erreakzio moduko bat jasan eta estudio handien makineria ahultzen hasi zen. Ikusleak zuen interes hori itzali eta generoaren alderdi berri batzuk garatzen joan ziren. Western europarra edo Spaghetti western bezala ezagutzen zena adibidez. Western amerikarreko klixe klasikoak baliatuz, mitoaren bidez, estilo propio
Spaghetti westernak western amerikarreko klixe klasikoak baliatuz, mitoaren bidez, estilo propioa sortu zuen. Kritikari askoren ustez, azpigenero honek zinea egiteko modua aldatu zuen
a sortu zuten. Kritikari askoren ustez, azpigenero honek zinea egiteko modua aldatu zuen. Ordura arte, filmetan entzuten genuen musika (salbuespen batzuk izan ezik), artisten ulermenera mugatua zegoen. Ennio Morricone eta genero honetarako konposaturiko soinu banda horiek oso ezagunak egin ziren. Jatorrizko soinu banda funtsezko osagai bihurtu zen akziozko eszenei indarra emateko. Muntaiarekin jokatuz, bakanduriko sekuentziak filmeko klimax une bihurtzeko ibilgailu bezala balio zuen musikak.
Baina hainbat korronte kritiko zinemari beste ikuspuntu batetik begiratzen hasi zitzaizkion. Esanahi sakonagoen bila, westerna desagerpenaren amildegira gerturatu zuten, sortzen zituen giro horiek sinpleak, errepikakorrak, matxistak eta xenofoboak zirela argudiatuz. Bigarren Mundu Gerraren ostean, estilo tradizional hori zalantzan jartzen hasi ziren, elementu narratibo eta estilistiko berriak deskubrituz eta istorio errealistagoak sortzeko beharra piztuz.
Gaur egun…
Argi eta garbi, azken 25 urteetan western gutxi estreinatu dira. Ados. Baina kalitate maila antzemateko, izenburu guztiekin batez besteko bat egingo bagenu, beste generoekin alderatuz behintzat, oso maila altua emango lukeela uste dut. Beste generoekin gurutzatuz eta perspektiba eta estilo berriak erabiliz bere burua aberasten jakin du. Egiten al dira genero honetako filmak gaur egun? Eta egiten direnak ganorazkoak al dira? The Assassination of Jesse James By The Coward Robert Ford (2007), Unforgiven (1992), Django Unchained (2012), Appaloosa (2008), True Grit (2010), Meek's Cutoff (2010), The Proposition (2005) , The Revenant (2015), Hell or High Water (2016) Rango (2011), The Three Burials of Melquíades Estrada (2005), Slow West (2015), n The Homesman (2014), The Hateful Eight (2015), 3:10 to Yuma (2007), Bone Tomahawk (2015) bezalako izenburuak adibide gisa jarriz, baiezko biribila esango nuke; ezin esan beraz, western generoa hilda zegoenik, lotan baizik. | news |
argia-5b66bb60e65d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/reasek-auditatutako-10-entitatetik-9k-bateratzen-ditu-lana-zainketa-eta-ekintzaile-konpromisoak.html | REASek auditatutako 10 entitatetik 9k bateratzen ditu lana, zainketa eta ekintzaile konpromisoak | Ainhoa Bretos | 2016-12-21 00:00:00 | REASek auditatutako 10 entitatetik 9k bateratzen ditu lana, zainketa eta ekintzaile konpromisoak
Ekonomia sozial eta solidarioaren esparruko 71 enpresa eta entitatek hartu dute parte EAEko 2016ko Auditoria Sozialean, zehazki 2.894 langile kontratatu eta 4.406 boluntario daude horietan. Erakunde baten "eraginkortasun soziala" eta helburuekiko "jarrera etikoa" ebaluatzeko prozesua da, eta Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareak (REAS) sustatzen du.
Ekonomia solidarioaren sei printzipioak barneratzen ditu Auditoria Sozialak: ekitatea, lana, ingurugiro-iraunkortasuna, lankidetza, irabazi asmorik gabekoa izatea eta inguruarekin konpromisoa. Modu horretan, sektorearen eta entitate bakoitzaren errealitatearen diagnostikoa egiten du.
Horren arabera, entitateen %48ak ditu soldata publikoak, eta erabakiak hartzerakoan %37koa da parte-hartze maila. Emakumeen lanpostuak %56 dira, eta horietatik %46ak hartzen ditu erabakiak.
Lanaren printzipioari dagokionez, entitateen %90ak hartzen ditu prestakuntza sustatzeko neurriak. Kontratuen %43 mugagabeak dira (2015ean %46), eta entitateen %89ak hartzen ditu beste pertsonen zainketa, norbere buruaren zainketa, edota ekintzaile konpromisoak lanarekin bateratzeko laguntza neurriak.
Ingurugiroari dagokionez hobekuntza neurriak dituzten entitateak dira %63, eta 9.238kilokoak dira CO2 isurketak, 2015an baino 2.232kilo gutxiago.
Ekonomia solidarioaren sareko entitateen arteko lankidetza %87koa da, eta sektoreko entitateei egindako erosketak %15 dira.
Sare edota entitate sozialei emandako laguntza ekonomikoa 3.000.000 eurokoa da, eta entitateen %70 dira finantza etikoen bazkide eta bezero.
Inguruarekin konpromisoa printzipioari dagokionez, azkenik, entitate bakoitzak bost eraldaketa sareekin hartzen du parte batez bestez.
Informazio gehiago hemen: http://auditoriasocial.net/index.php?idioma=eus | news |
argia-2186f8cd4d73 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/aholku-berri-on.html | Aholku berri on | Edu Zelaieta Anta | 2017-01-01 00:00:00 | Aholku berri on
Erraz ematen ditugu aholkuak. Aisa eskaintzen ditugu geuk gauzatzen ez ditugun hitzak. Eguneroko praktika zabaldutzat hartzen ahal da aholkularitza, diruarenganako fede itsua ia bezain unibertsaltzat. Baita urte zaharra eta urte berria elkarrekin topo egiten duten egunotan ere.
Aholkuak oparitzen ditugu Eguberriak ospatzeko-edo antolatzen diren otorduetan. Denbora luzean egon gaitezke mahai berean bata bestearen ondoan, eta hizpide egokia aukeratzea ez da beti samurra izaten. Aholku ematea ohiko baliabide gertatzen ohi da halakoetan, bereziki elkarrizketan parte hartzen ez duten pertsonen kontura: hain da tentagarria besteen bizimodua konpontzea.
Praktika hedatua ez ezik, zaharra ere bada, nonbait, aholku ematea. Izan ere, duela 2.600 urte inguru, mendebaleko filosofiari hasiera eman omen zion Tales Miletokoak baieztapen borobil bat utzi zigun alde horretatik: "Nork bere burua ezagutzea da bizitzako gauzarik zailena, eta errazena besteei aholku ematea".
Filosofiak gero eta balio apalagoa duen honetan, hezkuntza plangintza berrituak lekuko, segur aski indar betean segituko du bizitzako gauzarik errazena omen den horrek. Beraz, zorionak eta aholku berri on! | news |
argia-f0202a80cd53 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/ezagutu-baino-lehen-jarri-zioten-izena-australiari.html | Ezagutu baino lehen jarri zioten izena Australiari | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-01-01 00:00:00 | Ezagutu baino lehen jarri zioten izena Australiari
Antzinaroko zenbait geografok uste zuten gure planetako ipar hemisferioak adina lur izan behar zuela hego hemisferioak ere; Aristotelesen arabera, "eskualde bat egon behar da hego poloarekin guk gure poloarekin dugun erlazio bera duena". Eta erromatarrek Terra Australis Incognita-ri buruzko kondairak kontatzen zituzten.
Ez ipar hemisferioaren kantitate berean, baina lurra egon bazegoen hemisferio australean. 1814an Matthew Flinders esploratzaile britainiarrak Terra Australis izena proposatu zuen lurralde "berrirako", baina Australia laburdura hobetsi, "belarrirako atseginagoa delako eta Lurreko beste zati handi askoren izenarekin bat egiten duelako amaieran". | news |
argia-392ed78b2095 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/isolatu-lehenik-gorputza-gero-etxea.html | Isolatu? Lehenik gorputza, gero etxea | Pello Zubiria Kamino | 2017-01-01 00:00:00 | Isolatu? Lehenik gorputza, gero etxea
Isolatu hobeto etxea, diote, hobetu berokuntzaren efizientzia, aurreztu energia… baina inork gutxik du aipatzen gizakiak hotzari aurre egiteko daukan sistemarik zaharrena, bere gorputza isolatzea. Zergatik ez hasi hobeto janztetik sasoi hotzean iraunkortasunez bizitzeko?
Familia bat etxeko salan arropa lodiz beztitua? Gurasoak telebistari begira belaunak mantaz estalirik? "Zu familia behartsu batez ari zara, adiskide, energiatarako sosik iristen ez zaion jende prekarizatuaz". Alabaina, edonork jakin beharko luke negu gorrian etxean mahuka hutsetan egotea oso fenomeno berria dela. Etxeak askoz hotzago zeuden orain dela oso urte gutxi. 22ºC-ko tenperaturen gainean egiten dira kalkuluak gaur, nahiz eta duela oso urte gutxi arte neguan 15en azpitik egon etxe gehienak, kendurik sutondoa zegoen sukaldea.
Energia aurreztu behar dela, gure sakelari merkeago eta Lurrari eramangarriago gerta dakien? Beti aipatzen diren arren eraginkorrena dela erregaiak (egurra, ikatza, gasa, elektrizitatea…) ondo hautatu eta erabiltzea eta txarki isolaturik eraiki den etxebizitza zaharberritzea, horiek baino are eraginkorragoa da etxe barruko termostatoa jaistea, gure soinak ondo jantzita. Zehaztasunak Kris De Decker holandarrak bildu ditu jadanik klasiko bihurtu duen bere Low-Tech Magazine webgunean.
Termostatoa 22ºC-tatik 18ºC-tara apaltze hutsak energiaren %35 aurreztea ekarriko digu. Baina horretarako gure gorputzak hobeto isolatu behar. Gizakiok, 37ºC-tan bizi diren berogailuak bagina bezala, larruazaletik galtzen dugu beroa. Janzkiek ez digute berorik ematen, geuk sortutako beroari eusten laguntzen baizik.
Oso ezaguna ez den arren, bada janzkien isolatzeko ahalmenaren neurri estandar bat, AEBetako teknikariek estandar bihurtua: "clo" (ingelesez janzkiak " clothes " dira). Clo batek baimentzen dio gizakiari geldirik hoztu gabe luzaz irautea 21ºC-tan. Europako gerrara etorri behar zuten soldaduen ekipamendua kalkulatzeko militarrek asmatua, clo tipiko bat osatzen dute azpiko arropa arinek, alkandorak, galtzek eta jakak, duela hamarkada batzuk "lanerako trajea" esango zenak. Edozein jeneralek clotan azaldurik erraz uler lezake gerrara bere gudariak, segun eta zein eguralditan aritu behar duten, nola beztiturik bidali.
21ºC-tan luzaz eroso irauteko aski bada clo bat balio duten arropak janztea, 10ºC-tan 2,7 clo behar dira, eta 0ºC-tan 4 clo. Gradu bakoitzak berekin dakar 0,18 cloren beharra. Beti ere etxe barruko tenperaturaz ari gara, kanpoan egon daitezkeen haizeetatik salbu. Era berean, edozein arroparen isolatzeko ahalmena ere eman daiteke clotan: mahuka motzeko niki batek 0,15-0,25, mahuka luzekoak 0,22-0,30, galtzerdiek 0,05, jertseak 0,20-0,40, galtzek 0,25-0,35…
Slip, galtzerdi arin, kamiseta, niki, jertse eta praka luzez "clo" bat osatzen baduzu, 21ºC-tan lasai egon zaitezke telebistari begira, baina horiei jertsea kendu badiezu (0,30 clo) orduan gela 24ºC-tan eduki beharra daukazu hotzik ez sentitzeko
Kalkuluak erraz aterako ditu edonork. Slip, galtzerdi arin, kamiseta, niki, jertse eta praka luzez clo bat osatzen baduzu, 21ºC-tan lasai egon zaitezke telebistari begira, baina horiei jertsea kendu badiezu (0,30 clo) orduan gela 24ºC-tan eduki beharra daukazu hotzik ez sentitzeko. Aldiz, hasierako multzoari gehitzen badizkiozu azpiko kamiseta eta galtzontzilo edo leotardo luzeak, 1,7 clo osatuta atsegin egongo zara 17ºC-tan, energiatan %30-40 aurreztuz (are gehiago mahuka hutsetan egotearekin alderatuta).
Baina inork ez du bizi nahi tipula baten gisan dozena erdi geruzaz korazatuta. Izan ere, gure janzkeraren isolatze ahalmena hobetzen dugu soinean pisu handiagoa hartuz, arropa geruza lodituta, eta horrek ere mugak ditu. Gure zorionerako, militarrek, kirolariek eta espazioko espedizioek material berriak sortu dituzte muturreko eguraldi baldintzetan jardun ahal izateko. Horientzat sortutako arropa asko etxe barruko eguneroko bizimoduan ere erabilgarriak dira, oso eraginkorrak eta baita estetikoki lasaigarriak ere eskale edo diruzale zeken baten piura edukitzeko beldur egon daitekeenarentzat.
Kris De Deckerren aburuz janzkiak alderatzen jarrita, azpiko arropek –galtzontzilo edo panty eta kamiseta luzeek– abantaila handiak dituzte. Gorputzari itsatsirik doazenez, beroari hobeki eusten diote antzeko clo maila daukaten janzki zabalagoek baino. Geruzatan ere erosoago metatzen dira, eraginak optimizatuz: azpiko arropen geruza batek 0,5 clo ematen badu, bi geruzak 1,5 clo pilatzen dute.
Saltzaileek, tamalez, ez dituzte arropen clo balioak aipatzen etiketetan, ezta teknologia handiz ekoiztutako material berrizkoenetan ere. Hala ere herritarra proba eginez edo lagunen informazioz erraz ohartzen da batzuen eta besteen arteko aldeez. De Deckerrek aztertu dituen eskuliburu tekniko eta azterketen arabera, poliesterrez eta akrilikoz egindakoak 2,5-8 aldiz beroago dira kotoiz edo artilez ehundutakoak baino. Thinsulate bezalako materialak are isolatzaile hobeak dira.
Teknologia apaleko soluzioen sustatzaile zorrotz batek gai sintetikoen propaganda egiteak kontraesankorra dirudien arren, petrolioz eginik datozelako, justifikazio erraza dauka: etxeetako termostatoa jaisteak askoz erregai gehiago aurrezten du janzki sintetikoak ekoizteko erabilitakoak baino. Are gehiago, janzkiok erakusten dute erregaiak xahutu gabe etorkizuneko gizakiei laga beharra. Sintetikoak erabili nahi ez dituenak, edo garapen ereduarekiko objekzioz, edo larruazalean kalte eragiten diotelako, kotoia eta artilea bezalako barruko arropetan ere irtenbide egokia aurkituko du.
Eta zer gertatzen da esku eta oin izoztuekin? Geldirik lanean edo etxean luzaz egotera behartuak sarritan horiez baitira kexu. Eskuak eta oinak dira pertsona hoztearen lehen biktimak, baina alderantziz ere bai, gorputza aski berorik atxikitzen baldin bada esku eta oinek ez dute sufrituko. Zuhaitzen adar muturrak neguko izotzean nola, hala sakrifikatzen dira gure oin eta eskuak soina hozten sentitzen dutenean. Beraz, esku-larruak janztea baino, gorputz osoa –burua barne, batzuetan– beztitzea da gakoa.
De Klerkek ez du aipatu gabe utzi nahi etxea hotzago edukitzeko aukeraren desabantaila bat: lagunak badatozkizue bisitan, desatsegin aurkitu daitezke zuenean. Kanpotarrentzako janzki estrak eduki beti prest. Euskal Herrira etorrita, karrikako etxebizitzetan kalefakzio goritan ohitutako jende ugari ohartu da horretaz etxe bakarretan bizi direnengana joatean. Bestalde, karrikan ere lezio hau dagoeneko ikasten ari dira bortxaz herritar asko, gas berokuntzak dakartzan gastuei aurre egin ezinik. XXI. mendeko krisitzarraren erdian, hotzari ere ahalik eta trauma arinenekin aurre egitea ez zaigu gaizki etorriko. | news |
argia-96ac599fe569 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/caroline-phillips-garapen-kontseiluko-presidentea.html | "Ez nau gizartearen desmobilizazioak kezkatzen, hautetsien desmotibazioak baizik" | Mikel Asurmendi | 2017-01-01 00:00:00 | "Ez nau gizartearen desmobilizazioak kezkatzen, hautetsien desmotibazioak baizik"
1964, Auckland– Kalifornia (AEB). 1983n heldu zen Frantziara, Parisera. 1992an, berriz, Euskal Herrira. 25 urte dira Lapurdin bizi dela. Komunikazio digital arloko aholkularia da. Digital Komunikazioa enpresa zuzentzen du Bidarteko Izarbel teknologia gunean. Kantaria da, Mixel Ducau bikotekidearekin batera ezaguna musika munduan. Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko presidentea da 2015eko otsailaz geroztik.
2004. urtean hurbildu zinen Garapen Kontseilura. 2008an, berriz, bulegoan sartu. Bigarren kargu-aldian presidenteorde izan zinen. 2015ean, Jean-Baptiste Etchetoren presidentearen lekukoa hartu zenuen. Elkarteko burua zara gaur egun. Zer nabarmenduko zenuke ibilbide horretan?
Garapen Kontseiluko bulegoan hastean nire lehen xedea, kontseiluko kideekin hobeki elkar komunikatzea izan zen, baita lantzen ditugun gaiak ahalik eta argikien ulertaraztea ere jendartean. Lan egiteko moldea aldatzeko beharra ikusi nuen. Lehenago, gure aburua teknikarien eskutik pasatzen zen lehenik, eta gero aurkezten genuen jendearen aitzinean. Alta, aburuek ehunka orrialde betetzen zituzten, eta horiek ezin genizkien 150 gizarte eragileei helarazi molde egokian.
Zein izan da barne funtzionamenduan kontseiluaren pario behinena?
Batetik, jendearen ikusmoldeak egoki biltzea bilkuretan. Jendeak ez du denborarik bilkuretara etortzeko, askok etxean lan egiten du, beraz, beste gisa batez aritzea pentsatu genuen. Bestetik, gure egiteko nagusia da hautetsien eta gizarte zibilaren artean oreka lortzea. Ideia sobera ekartzea ez da ona, eta gutxi ekartzea ere ez. Gizarte zibilaren ahotsa ongi biltzea da funtsezkoa, bera da Garapen Kontseiluaren balorea eta ahalmen gehigarria.
"Estatuaren aldetik borondate sendoa dago Euskal Herriarekin 'harremana' normalizatzeko"
saka
Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak bide luze egin dute elkarren ondoan. 2017tik aitzina aldaketa dator.
Aurreko hamarkadetan Garapen eta Hautetsien kontseilu bietan, aldi berean, lan egiten zuten kideak egon ziren. Mahai-inguruan maila eta ardura guztietako jendea aritu da, lurraldearen garapen orekatua izan dute xede. Orain, beste garai batean gaude, egitura instituzional berria eraikitze bidean dagoelako: Euskal Hirigune Elkargoa. Garapen Kontseilua ez da aldatu, gizarte zibilaren ordezkaritza baita. Beraz, aldaketa Hautetsien Kontseiluan emanen da. Elkartea izatetik instituzioa izatera pasako da urtarrilaz geroztik, beraz, lan egiteko molde berriak atzeman behar ditugu. Lan horretan ari gara.
Garapen Kontseilua trantsizio egoera batean dagoela erran daiteke.
2015eko irailean gure kideei instituzio berriaren alde jartzeko eskatu genien. Lan egiteko moldea berritzeaz gain, galdera zehatza egin diegu: Hirigune Elkargoak (HELEP ere deitua) zer ekar dezake zuen eremuan? Hautetsiei gizarte eragileen ekarpenak helarazi dizkiegu: enpresa, laborantza, garraio, etxebizitza edota kultura arloei buruzkoak. Gizarte zibileko elkarteen proposamenak bideratzen ari gara instituzio berria eraikitzen laguntzeko. Etorkizuneko Proiektua izenekoan ari gara, Garapen Kontseiluaren geroaz, gure konbikzioez eta egituraz galdatzen ari gara, berau egokitzeko. Anartean, ez dakigu zein izanen den egitura berria, baina gaur arteko espiritua atxiki nahi dugu, baita hautetsiekin elkarlanean jarraitu ere.
Harremanen lanketa garaia da, beraz.
Instituzio politiko baten egitura oso formala eta zurruna izaten da. Adibidez, Garapen Kontseiluak Hirigune Elkargo barnean gai zerrenda itxi batean lan egin behar badu, aldaketarik onartzen ez duena, hori ez zaigu interesatzen. Elkarrekin lan egiteko manera eraiki behar dugu, harreman molde berria bilatzen ari gara, guk elkarrekiko eraikuntzan segitu nahi dugu. Funtsean, instituzio berria esperimentatzeko gunea izatea ere nahi dugu, orain arte egin dugun bezala segitzeko. Gizartearekin elkarrizketa garatzeko batzorde paritarioa izatea nahi dugu, soldatapeko nahiz nagusien sindikatuekin. Garapen Kontseiluko elkarteak %90 dira, beraiek dira eragile nagusiak. Aldi beran, elkarte gisa ere funtzionatu eta independentea izaten jarraitu nahi dugu.
"Batzuetan ez da ongi ulertzen zein diren Garapen Kontseiluaren eta Hautetsien Kontseiluaren egitekoak, ezta elkarrekin nola lan egiten dugun ere", erran zenuen kargua hartzean. Argitu al duzue zeregin hori?
Garapen Kontseilua ez da sufragio unibertsalaren bitartez hautatua. Elkarteak daude, instituzioen administrazioak ere bai, baina herritarrak dira eragileak. Aldiz, Hautetsien Kontseiluko kideak dira bozen bidez hautatuak. Garapen Kontseiluak eragileak euren proposamenen arabera lanarazten ditu. Aro berriaren oinarri-oinarrian Hirigune Elkargoa eraikitzeko nahikaria dago, gizarte zibilak horrela nahi duelako, duela urte askoko eskakizuna da Iparraldean.
Zein da hautetsien jarrera, oro har?
Azken urteetan hautetsiak oso lanpetua izan dira instituzioaren markoa eraikitzen, edukietan ez dira hainbeste ari izan. Instituzio berriari forma eman nahian ari dira eta mamiari buruzko hausnarketa eztabaidatu behar dute sakonean. Haatik, konplikatua da denekin ongi uztartzea eta funtzionatzea.
Euskal Herria 2014-2020 Lurralde Kontratua indarrean dago. Estatu eredua krisian dago. Deszentralizazio bidean, Erregioa handitu da, Departamendua ahuldu, Herri Elkargoak desagertuko dira Hirigune Elkargoa sortzeko. Horrek nola eraginen du kontratu berria izenpetzeko orduan?
Zaila da esatea nola eraginen duen. Badago gai lauso asko lantzeko, zalantza asko, elkarte berri bat sortzen denean halaxe izaten da. Frantzian kontratu berezia dugun lurralde bakarra gara. Estatuaren aldetik borondate sendoa dago Euskal Herriarekin "harremana" normalizatzeko. Estatuak herrien inter- komunalitatea garatu nahi du. Halaber, Estatuak nahi du orain arteko Kontratua garatzen segitzea. Kontratuko proiektuak berrikusi nahi ditu, baina Garapen Kontseiluak ez du erabakitzen, hori ulertzea oso da garrantzizkoa. Gizarte zibilak proposatzen du eta hautetsiek erabakitzen. Egia da, orain arte gizarte zibilak ere neurri batean determinatu izan du Kontratuaren edukia. Azken Kontratuan, 700 pertsonak parte hartu dute, hamar gai nagusien inguruan, hautetsiek eragileen proposamena aintzat hartu dute eta eragileek berriz erantzun. Negoziazio mahaia abian da, arbitraje bidez arautua. Gu ez gara finantzariak, beraz ezin dugu erabaki, baina kontratuaren izaeraren gainean emandako iritziak eragiten du.
Identitatea sendoa denean, negoziatzeko oinarri hobeagoa dago. Beraz, lurralde edo perimetro ongi definitu batekin are indartsuagoak izanen gara"
ntresaka
Hautetsi sektore batek hainbat helegite jarri ditu instituzio berriaren sorrera oztopatzeko. Zer aburu duzu horretaz?
Aldaketa garaia oso zaila da. Instituzioa berria izanen da, eta horrek areago zailtzen du hautetsien akomeatzea. Nihaurk eraso batere ez goxoak jasan ditu Hirigune Elkargoaren aurka daudenen aldetik. Ez zuten nahi nik jarrera hain argi agertzea egitasmoaren alde. Beraz, "lagunak egin ditut". Edonola ere, Garapen Kontseiluko presidente bezala, "normaltzat" hartzen dut. Hautetsiak juxtuki aglomerazioen eta herrien arteko elkargoetan hautatuak izan direlarik, hasi baita Euskal Hirigune Elkargoa eraikitzen. Aldaketa handia da. Badakizu, Frantzian badago hastioaren kultura.
Ez duzu uste sektore batek Elkargoa gehiago ulertzen duela gizarte zerbitzu-rako egitura bezala, eta ez Euskal Herriari identitatea emanen dion Elkargoa gisa?
Identitatea sendoa denean, negoziatzeko oinarria hobeagoa da. Beraz, lurralde edo perimetro ongi definitu batekin, are indartsuagoak izanen gara. Nahi baduzu, horri identitatea deitu. Konparazione, garraioa antolatzen hastea identitatea aldarrikatzeko era izan daiteke. Hautetsi Kontseilua elkarte bat izan da orain arte, eta Baiona eta Maule artean, adibidez, badaude herrien arteko lau herri elkargo. Garraioa finantzatzeko ados jarri behar zuten, hemendik goiti ezberdina izanen da. Garraioa antolatzerakoan identitate bateratua ere eraikitzen da. Kontua da, instituzio bakarra izanen dugula, eta horrek bultzatuko ditu lurralde osoko hautetsiak elkarrekin lan egitera. Orain arte ez dugu halakorik izan, zatituta egon gara, oro har, jendea ez da behartua izan proiektu bateratu bati elkarrekin ekiteko.
Gizarte zibila "normalizazioan" erortzeko arriskurik egon liteke.
Ez nau gizartearen normalizatzeak edo desmobilizatzeak kezkatzen, hautetsien desmotibazioak baizik, gizarte zibilarekin lan egiteko gogorik ez izateak. Arriskua da normalizazioak elkarren artean egindako lana ahantzaraztea, eta elkarrekin lan egiteko kultura alde batera uztea. Departamendutik zetozen eskumenak Erregiora pasako dira, egiturak aldatuko dira, baina hautetsiak berberak dira, gu eta gizarte zibila ere bai. Hautetsiek aldiz, lurraldean lehen ez zuten boterea izanen dute. Filosofia aldatu daiteke, hori arriskutsua da. Garapen Kontseiluan espiritu hori gordetzeko lanean ari gara. Egun 400 Garapen Kontseilu daude Estatuan eta NOTRe legearen ildoan 1.200 sortuko dira, 800 berri. NOTRe legea indartzen doan neurrian gure erakundea atzean gera liteke, gizarte zibilak bere tokia galdu. Baina gu adi gaude, zelatan segitzen dugu elkarlanean aritzeko. Gure lekua hautetsien ondoan dago, laguntzeko eta proposamen politiko publikoak arbitratzeko prest betiere.
Eman dezagun 2020. urtean gaudela. Hirigune Elkargoak bere heina erreusitu duela. Garapen Kontseiluak izanen du izaterik?
Hegoaldetik datorren galdera da, hango mentalitateaz egina. Han lanean hasi orduko alderdi politiko bat sortzen duzue. Horrek gizarte zibila galdibidera eramaten du. Ez da gure kasua. Hemen edozein dela instituzioetan gertatzen dena, gizarte zibilak sendo izan behar du. Bestela, teknikariak politikarien alboan aritzen dira ideiak sustatzen, gizarte zibila alde batera utziz. Politika mota hori galbidea da. 2020an hautetsiak espresuki hautatuak izanen dira instituzioan. Gizarte zibilaren eta hautetsien artean ez badago elkar ulertzerik, gizarte zibilak bere hautagaitza aurkeztuko du.
"Gizarte zibilaren eta hautetsien artean ez badago elkar ulertzerik, gizarte zibilak bere hautagaitza aurkeztuko du"
Kritikoa zara Hegoaldeko politika moldearekin, antza.
Ez dut esan nahi Hegoaldean demokrazia ez dagoenik, baina falta dute gizarte zibilaren ordezkaritza indartsu bat, politikaren egituretatik, instituzioetatik deslotua. Garapen Kontseiluaren presidentea naiz, ez naiz hautatua hautestontzietan, eta libreagoa naiz. Hitz egiteko askatasuna daukat, elkarte batean nago, ez naiz erran behar dudana diktatuko didan alderdi bati lotua. Hemen sortzen dena, mahai baten inguruan sortzen da, gizarte zibilaren hausnarketen ildoan.
Euskararen egoera oso larria da Iparraldean. Nola bizi duzu hori?
Euskaldun berria naiz. Minez bizi dut euskararen egoera. Ohartzen naiz, gehiengoarentzat euskara ez dela garrantzitsua, bakar batzuek baino ez dute interesik. Badira ere, euskaldunon hautua errespetatzen ez dutenak. Alta, ezin diegu kanpotarrei aurpegiratu euskara ez ikastea, ez baitugu jakin adierazten guretzat euskarak duen garrantzia eta bere beharra ongi transmititzen. Ez dugu euskara ongi erabiltzen ere, erabiltzen dugu modu folklorikoan. Zoritxarrez, hemen euskara desagertzeko arriskuan dago.
Zer egin dezake Garapen Kontseiluak euskararen egoera hobetzeko?
Euskarari lehentasuna eman nahi nioke 2017an. Hizkuntza zergatik den inportantea helarazi behar zaio jendeari, gure kultura zer den jakin dezaten, bestela ez dute ikasiko. Gure bilkura guztiak hasten ditut euskaraz eta Estatuko ordezkariek itzulpen-kaskoak jartzen dituzte. | news |
argia-74cc06afb476 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/urteko-lotsagarrikeria-sozioekonomikoa.html | Urteko lotsagarrikeria sozioekonomikoa | Juan Mari Arregi | 2017-01-01 00:00:00 | Urteko lotsagarrikeria sozioekonomikoa
Urtea amaitzean, balantzeei buruzko albisteak sortzen dira. 2016a ixtera goaz eta zutabe honetan urteko lotsagarrikeria sozioekonomikotzat jotzen duguna eskainiko dugu.
Lan prekarietatea, lan istripuak, desoreka soziala, kapitalaren zikoizkeria… horiek ere izan zitezkeen urteko lotsaizunak. Errepikatzen den zerbait da. Baina 2016ko lotsagarrikeria, denoi eragiten baitigu, izan herritar edo instituzio, gobernu edo alderdi, honakoa da: Mediterraneoa milaka migratzaileren hilobi bilakatzen ari da, euren herrialdeetako gosete eta gerretatik ihesi datozenak.
Iaz ere, lotsarik handiena horixe bera genuen. Oraingoan berriz, 2016an, itsaso horretan hildakoen kopuruak gora egiteaz gain, europar instituzio eta gobernuek ez dute bete migratzaileei harrera egiteko konpromisoa. Erdialdeko Mediterraneoan 4.646 lagunek galdu dute bizia, 2015ean baino mila gehiagok (3.522 hildako). Italiak bakarrik, 2016an 180.000 migratzaile artatu behar izan zituen, errekor berria onduz. Estatistika triste horren barruan milaka haur daude.
Urte honetako lotsagarrikeria handiena ere bada alderdi eta gobernuen jarrerak erakusten duen miseria politikoa. Euren konpromisoei huts egin diete, eta aldi berean milaka milioi euro gastatu dituzte migrazio horien jatorrian dauden gerretarako armak erosteko. Beti bezala, migratzaileak baizik esportatzen ez dituzten herrialde pobreetan inbertitzea ahazten zaion kapitalismoa ere bada lotsarako motibo, toki horiek esplotatuz egin baitira aberats asko eta asko. Eta herritarrok lotsagarrikeria horren erantzule gara, maiz beste aldera begiratzen dugulako eta babesten ditugulako beraien konpromisoak betetzen ez dituzten erakundeak. | news |
argia-caa9957da2bc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/krisian-bidelagun.html | Krisian bidelagun | Amaia Alvarez Uria | 2017-01-01 00:00:00 | Krisian bidelagun
Azkenaldian kalean nabilenean tarteka Ramiro-ak ikusten ditut. Banku batean jarrita daude, bakarrik, txanoa buruan, zigarroari atxiki luzeak emanez, motxila aldean dutela. Horrelakoa da liburu honetako protagonista, hori da bere izena. Hegoaldetik etorri da lan bila, atzean utzitakoei dirua egin eta berehala bueltatuko dela esanez. Eta liburu honetan hurbiletik jarraitzeko proposamena egin digu Pello Lizarraldek, bere bidelagun izango gara tarte batez, bere gora-beheren lekuko.
Lizarralde irakurtzea niretzat egunerokoaren erritmoa moteltzea da. Gelditu eta ingurura begira jartzea. Ñabardurei erreparatzea. Txakurra kale zokoetan bila, laino ilunak eta euri tanta hotzak, trafikoaren zarata, arropa soinari itsatsita eta izerdi usaina. Sautrela n egin zioten elkarrizketan idazlan honen abiapuntua egunkarian ikusitako irudi bat izan zela kontatu zuen, eta egia esan, badira zenbait irudi egunkari eta albistegietan agertzen zaizkigunak maiz liburuan ere letraz marraztuak.
Hori baita jorratzen den gaia: "krisia" eta horrek gizon batengan dituen ondorioak. "Migrazioei" buruz hitz egin genezake, "etorkin ekonomikoei" buruz, "lana"z, edo isiltasunez, harremanez, teknologiez, edo bestela bakardadeaz, mesfidantzaz, biziraupenaz; hori guztia agertzen zaigulako orriotan. Beñat Sarasolak elkarrizketan aipatu zion egileari Odol bustia ere izan zitekeela izenburua. Izan zitekeen.
Baina, Elur bustia -k giro hotza dakarkigu gogora eta azalera, etengabe agertzen den giroa, izan pertsonen arteko tratuan, izan klimatologiari dagokiona. Izerdia xukatzen dabil pertsonaia lortzen dituen lantxoak egin ostean, bere burua txukuntzen ahal duen moduan. Eta narrazioak aurrera egin ahala euria agertzen da hasierako eguzkia estaliz eta giroa apurka hoztuz. Elur bustiak irudikatzen du pobrezia, bizirauteko sena, aurrera egiteko beharra.
Liburua amaitu eta, esan bezala, Ramiro-ak ikusten ditut tarteka kalean zehar nabilenean, eta konturatzen naiz zelan geratzen diren gurekin irakurri ditugun liburuetako pertsonaia, irudi eta istorio batzuk, denbora batez bada ere. Eta galdera bat datorkit burura: nola jokatuko nuke nik egoera hori bizitzea egokitu balitzait? "Baina" asko ere bai: baina ni emakumea naiz; beraz, nolakoa litzateke Ramira ren Elur bustia ? Baina nik beste lan batzuk egingo nituzke; zer egiteko aukera izango nuke horrelako egoera batean? Baina ni mundu honetako "iparraldean" bizi naiz; nora jo beharko nuke nik dirua egitera? Ea zer ekartzen dizuen zuei Ramirorekin egingo duzuen bidaiak. | news |
argia-e98c3457340f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/euskaldun-go.html | Euskaldun go! | Angel Erro | 2017-01-01 00:00:00 | Euskaldun go!
Erdal adiskide ohi batek edo, nahiago bada, adiskide erdaldun ohi batek elkarrekin euskaraz egiten hasteko eskatu zidan orain hilabete gutxi batzuk. Hasieran arraro egiten bazitzaidan ere, eutsi diot. Nireak balira bezala bizi izan ditut haren aurrerapenak. Pentsamenduak adierazteko bide gero eta egokiagoak aurkitzen ikustean izugarri poztu naiz, eta ez bakarrik solasaldiaren pisua modu orekatsuagoan banatu ahal izateagatik, baizik eta gaien maila ere goititzen joan delako, aspaldian konplexutasunagatik utzitako gaiak berreskuratzen joan ahala.
* * *
Ustezko interesdun batek galdetu dit ea zer aplikazio (zer app) dagoen euskararen arloan. Hizkuntza ikasteko, esaterako. Jokoz kanpo harrapatu nau eta ez dut jakin zer erantzun. Dokumentatuko naizela agindu diot. Ikusi dut Duolingo aplikazio doako eta (berak bere burua deskribatzen duen moduan) dibertigarriak hainbat hizkuntza ikasteko aukera ematen duela. Ez euskara. Bai, esaterako, katalana edo guarania.
* * *
Euskarak zer aplikazio beharko lukeen buruan nerabilela, ikasi dut Confesor Go izeneko bat asmatu dutela eta haren bitartez sinestun katoliko erromatarrek beren fedeko apaizak lokaliza ditzakete Aitortzaren sakramentua edozein unetan jaso ahal izateko. Tentazioa handia izan da eta, doakoa denez, deskargatu dut sakelakoan, non, aplikazio berriari leku egiteko, beste bat desinstalatu behar izan baitut, esperimentuak irauten duen bitartean behintzat. Kendutakoak badu berriaren antz txikiren bat. Damua uxatzeko, pentsatu dut kentzeak penitentzia arinduko didala, azkenean aitortuz gero, noski.
Pantaila ireki eta aplikazioak galdetu dit apaiz edo aitortzaile moduan nahi dudan izena eman. Lehen aukerara jo izanez gero, apaiz estatusa balioztatu beharko dut, horretarako beharrezko agiriekin suposatzen dut, aplikazioak berak adierazten didan bulegoren batean. Atzera jo eta kaleko bekatari moduan sartu naiz. Horretarako ez da deus frogatu behar. Libre den apaiz hurbilena zortzi kilometrora dago. Mapak harainoko bide bat proposatzen dizu, galbiderik ez. Apaiz batzuei, antza, eliz barruan gabe kalean dabiltzanei, profila ikusten ahal zaie, argazki batekin, jatorriarekin eta jaiotze zein apaizte urtearekin. Urrutiago daude horrelakoak baina aukera gehiago ematen diote irudimenari asmatzen saiatzeko bekatuekin barkaberago zein agertuko ote, edo baita berrietara zein irekiago ere.
* * *
Lagunak aurpegiratu dit, horrelako bat eginen balute, ni izanen nintzela lehena aurka jotzen, ironiaz erabiltzen, asmo gaiztoko zutabe bat idazten. Hirugarren ardoan bururatu arren, nire sorkaria babestu nahi dut baita neure buruarengandik ere. Itsustu diot, beraz, nitaz duen irudi ezkorra. Mintza praktika egin nahi duten euskaldun berriak euskaldun iaioagoekin harremanean jartzeko horrelako aplikazioa nola hartuko nuke harrika? Nik neuk emanen nuke izena, plaza batean aspertuta edo larunbat gau batean planik gabe egotera, eta, zuzenean gelditu beharrean, geroko topaketa hain hotza izan ez zedin, lehenago txat fribolorako aukera balu, askoz hobe. "Hi, zeren bila habil? Hartzaile ala jasotzaile?". Ezin omen da nirekin serio aritu.
* * *
Aplikazioak adierazi helbidera joan naiz eta uste baino errazagoa izan da bulegari arretagabeari apaiz katoliko erromatarra naizela sinetsaraztea. Ahal dudanean nire eliz barrutiko agiria bidaltzeko eskatu dit. Halere, kodea eman dit. Profilean "euskaldun egokikorra" idatzi dut. | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.